text
stringlengths
3.39k
741k
HITZAURREA Fanzine honetan musikaren gaineko artikulu, elkarrizketa eta itzulpen batzuk aurkituko dituzu. The balde eta Entzun! aldizkarietan plazaratuak izan dira, 2011tik 2016ra bitartean. Asmoa idazlan hauek lagunekin partekatzea da, besterik gabe. Eta lagunek, nahi izanez gero, nahi dituzten lagunekin parteka ditzatela. Hemen aipatzen ditugun musikari eta talde guztiak bere garaian modernoak izan ziren. Orain ere bidean jarraitzen dutenak modernoak dira, nolabait. Ikusiko duzuen bezala, musikari eta talde gehienak punkiak dira, baina ez guzti-guztiak ez: inork ez du inoiz esango Tindersticks talde punkia denik, edo Syd Barrett punkia denik. Gaiak eta solaskideak abaguneen eta nire gustuen arabera aukeratu ditut. Horregatik, bereziki, aipatutako bi aldizkarien zuzendariei –Koldo Almandoz eta Xabier Sagardia– eskerrak eman nahi dizkiet. Baita aldizkarien Eneko Etxeandia ilustratzaileari ere. Lou Reed-ek 2014an esan zuen bezala: «Oraindik ere punkaren eraldatze- eta berritze-ahalmenean sinesten dut. Beti sinetsiko dut punkean.» Aurkibidea TOM ROBINSON BAND – Zuen Bezalakoengandik Aske JOHN LYDON – Ez Naiz Beti Perfektua SEX PISTOLS – Paranoia Gehiegi Dago PUBLIC IMAGE LIMITED – Istorio Bakoitzak Bi Alde Dauzka LOU REED – Boskotea THE VELVET UNDERGROUND – Oparia RICHARD HELL – Belaunaldi Hutsala TINDERSTICKS – Gauzen Muina, Guztia Nondik Ateratzen Den, Ez Da Nire Lekua TINDERSTICKS – Txokolatea THE DAMNED – Hara, Nor Da Paranoikoa? SYD BARRETT – Burugabeak Barre Egiten Du THE SLITS – Neska Arruntak THE JAM – Metro Geltokian Gauerdian MANCHESTER 1983-86 GANG OF FOUR – Armada Erabilgarria Da WIRE – Do, Re Eta Mi Saihestuz, Bluesak Nota Horietan Jotzen Dira Eta WIRE – Zaharrak Berri TOM ROBINSON BAND – Zuen Bezalakoengandik Aske 2010eko abuztuan, Kataluniako gobernuak zezenketak debekatu zituen. Batzuen arabera, debeku horrekin gizakiaren duintasuna berreskuratuko da neurri batean. Esaten dute ez dela egokia animaliak jendaurrean torturatzea eta tortura hori artea dela esatea. Beste batzuen iritziz, berriz, korridak debekatzeak askatasuna murriztuko du, eta, gainera, are okerragoa dena, Espainiako kulturaren aurka doa. Askatasuna, zer da? Eztabaidak Ingalaterrako abesti punk bat gogorarazi zidan, Tom Robinson Band-en «Power in the darkness» (Iluneko boterea), 1978an plazaratutakoa. Hasieran, taldekideen aburua adierazten du, eta, geroago, aurkakoa entzuten dugu, ironiaz josia. Askatasuna... zure askatasunari buruz ari gara Gorputzarekin zer egin nahi dugun aukeratzeko askatasuna Nahi duguna sinesteko askatasuna Anaiek elkar maitatzeko askatasuna Beltz eta zurientzako askatasuna Jazarpen eta beldurretik aske Ama eta emaztearentzako askatasuna Anaia Handiaren itaunketatik aske Bizitza nahi duzun bezala bizitzeko askatasuna (Kontalariaren ahotsa bestaldetik:) «Gaur, gobernu-sistema britainiarrarentzat, funtsezko erakundeak erasopean daude: eskola pribatuak, Lorden Ganbera, eliza anglikanoa, ezkontzaren instituzio sakratua, gure polizia bikaina ere ez dago gizartea hondatu nahi dutenetik salbu, eta «nahikoa da» esateko unea iritsi da, balio britainiar tradizionaletara itzultzeko ordua da: diziplina, obedientzia, moraltasuna eta askatasuna. Hau da nahi duguna: Askatasuna gorri, beltz, gaizkile, prostituta, maritxu eta punki, futbol-hooligan, delitugile, lesbiana eta zabor ezkertiarrengandik Beltz zikin eta pakistandarretatik eta sindikatuetatik aske Ijito eta judutarrengandik aske Alferrontzi ezkertiar eta liberalengandik aske Zuen bezalakoengandik aske...» Tom Robinson Band-ek oso abesti indartsuak zeuzkan («Winter of ‘79», «2-4-6-8 Motorway», «Up against the wall»). Baina, beharbada, taldearen ekarpenik garrantzitsuena politika izan zen, musika baino. «Rock against racism» eta «Anti Nazi League» delakoetan parte hartu zuen, eta kanpaina horien eragin politikoa oso handia izan zen belaunaldi hartan. Matxismoa, homofobia eta arrazakeria salatu zituzten, eta, neurri batean horri esker, jarrera horiek onartezinak bihurtu ziren betiko milaka eta milaka lagunentzat. Hori bai, Robinson-en ironia «Power in the darkness» abestian fina, eta, aldi berean, latza zen. Zuzentasun politikoaren korrontea Estatu Batuetan Europan baino lehen zabaldu zen, eta, ondorioz, hango kontzertu batzuetan, taldeak arazo handiak izan zituen. Entzuleek ez zuten ironia zela ulertzen, eta taldekideek agertokietatik korrika atera behar izaten zuten. Zuen bezalakoengandik aske... JOHN LYDON – Ez Naiz Beti Perfektua John Lydon-ek –Keith Levine eta Jah Wobble-kin batera– 1979an sortu zuen Public Image Limited. Orduz geroztik, taldeak 19 kide izan ditu, 10 album plazaratu ditu, eta ehunka kontzertu eman. Donostian jo zuen azken formazioak maiatzean. Aritz Branton: Public Image gogoz ari da grabaketak eta kontzertuak egiten. JL: Bost urte eta erdi daramatzagu elkarrekin, birak etengabe egin ditugu, eta bira honetan gure album berria –zoragarria iruditzen zaiguna– zuzenean eskaini nahi dugu, abesti zaharrago batzuekin batera. Eta abestiak, batzuetan, jendearen arabera aldatzen ditugu. AB: Kontzertuan zehar, abesti-zerrenda aldatzen duzue? JL: Bada, bai, goitik behera. Batzuetan, ez dugu abesti bat egiteko gogorik. Baina energia hori publikoak ematen digu. Gure publikoa beste taldekide bat da, elikatzen gaituen energia da. Harremanari dagokionez, kontzertuak eliza baten modukoak dira, baina erlijiorik gabe. Gizakiok gizabidez portatzen gara, eta hori, rock-ekitaldi batean, oso ezohikoa da. AB: Rock-ekitaldi gehienak hotzak eta aldez aurretik programatutakoak dira? JL: Bai. Pop-izarrek haien bertuteak erakutsi nahi dituzte, eta, oso distantzia handia dago haien eta publikoaren artean. Niri, bereziki, bestearen begiak ikustea gustatzen zait. Pertsonekin ari naizela jakitea gustatzen zait. Horrek hizkuntz-langa guztiek eraisten ditu, eta emozio-maila berean gaude, gizaki bezala. AB: Beraz, ingelesa ulertzen ez duen publiko batentzat jotzea ez da arazo bat. JL: Abestien hitzak eta musika uztartzen ditugu, transmititu nahi ditugun emozioak adierazteko. PIL-en abesti guztiak emozioen gainekoak dira. Abesti batzuk tristeak dira; beste batzuk, berriz, alaiak. Batzuk haserrez beteta daude, eta, beste batzuk, basatiak dira. Baina ez dago gorrotorik. Nire amaren heriotzaren gaineko abesti batzuk daude, eta disko-arraden kakofonia zoragarriarekin egiten dira. AB: «Death Disco», esaterako. JL: Bai, «Swan Lake» abestiarekin batu nuen, eta emaitza oso indartsua dela uste dut. Oraindik ere abesti horrek negarra eragiten dit kontzertuetan, benetan hunkitzen nau. Eta hori entzuleengan ere ikusten dut: badakite zer egiten ari naizen, eta haiek, ere, pareko sentimenduak dituzte. Eta hori musikarekin partekatzea, lorpen bat da niretzat. Musikak hori egin dezake. AB: Gaur egun, letren % 90 «Heartbreak Hotel» edo «Heartmake Hotel»-en gainekoak dira. Gai horiek, noski, kontu garrantzitsuak dira gure bizitzan, baina hitz egiten dugunaren % 90ak ez du lekurik abestietan. Abestietan sartzeko egokiak diren bizpahiru gai esango dizkidazu? JL: Hotelean piano-jotzaile bat izanez gero, abesti bera eskatzen diot beti: «Feelings». Eta, gehienetan, hondatzen dute. Baina hori da niretzat dibertigarriena eta hunkigarriena. Eta, niretzat, abestia zapuztu arte horren gaizki jotzeak daukan benetako emozioa ateratzen dio. AB: Beraz, emankizun birtuosoetatik urruan gabiltza… JL: Bai, batzuetan birtuosoenak ez gaitu hunkitzen. Japoniarrek, esaterako, jazza ehuneko ehunean imitatzen dute, baina ez diote ezer gehitzen. Horrela, nota guztiak perfektuak dira, baina hori ez da lorpen handia. Eta, batzuetan, hobea da tonua pixka bat galtzea. Biolinek tonua pixka bat galtzen dutenean, nik maite ditut. Horrek bihotza hunkitzen dit. Beharbada irlandarren intonatzeko modua da! AB: Zuen musikarekin harremanik inoiz izan ez duen bati, Mongoliatik iritsi berri den lagun bati, esaterako, nola deskribatuko zenioke zuen musika? JL: Baliteke pertsona horrek PIL ezagutzea. Oso leku urrunetan jotzen dugu. Ijitoen moduko bizimodu eroa duten lekuetan oso harrera beroa egiten digute. Bertakotzen gara, antza. Baina ulertzen dizut. Egiten duguna nola azalduko nuke? Emozioak. Sailkapenik gabe. Ez dut inoiz musika lau hormaren barruan ezkutatzeko egin. AB: Behin New Yorkeko abeslari batek esan zuen, egun txarretan ere, espero zuela barrea eragitea behintzat lortuko zuela. JL: Nire ere horrelakoa naiz! Nire familian, tradizio irlandarretik hartu dugu ezkontzetan negar egitea, eta hiletetan, berriz, barre. Gauzak hankaz gora jartzen ditugu; ondo begiratzen badiezu, orduan bizitza jasangarri bihurtzen da. AB: Bizitza horrela ikusi behar dugu, hortaz: gauzak hankaz gora jarri. JL: Bai, eta gure burua serioegi ez hartu. Eta gure buruaz barre egitea oso gauza ona da. AB: Eta umorerik onenetakoa. JL: Bai, bizitzan zehar komikoengandik eta umoretik gehiago ikasi dut intelektual zorrotz eta aspergarriengandik baino. Egia esan, normalean ez naiz umorerik ez dutenekin fidatzen. Horrelako pertsonek ez dute enpatiarik izaten. AB: Umorerik ez dutenak ez dira pertsona serioak. JL: Horixe bera! AB: Ez dakit galdera hau begien bistakoa den ala oso zaila, baina musika entzuten duzunean, zer da gehien hunkitzen edo pizten zaituena? JL: Musikak nire gustukoak diren lekutara eramaten nau, eta nik buruari aske ibiltzen uzten dio, erabat. Terapia moduko bat da, azken batean. Eta hori egiten ari naizela, edozein gauza gerta daiteke. Arriskutsua da, eta ikaragarri gustatzen zait. Ez dakit zer bururatuko zaidan. Musikari nire buru barruan margotzen uzten diot. Trantze batean sartzen nau, eta, horregatik, trantze-mugimenduarekin maitemindu egin nintzen. Suaren inguruan biluzki ibiltzen ginen garaira itzultzen gaitu, iraganeko, historiaurreko punturen batera. AB: Zuretzat kontzertu on bat zer da, eta nola neurtzen duzu? JL: Batzuetan okertzen naiz erabat, eta kontzertua txarra izan dela pentsatzen dut eta ez dugula publikoarekin konektatzea lortu. Baina, oholtzatik ateratzen garela, erantzuna kontrakoa izan dela ikusten dut. Ez naiz beti perfektua. Normalean, enpatia hori badago, eta antzematen dut: orduan badakit ona dela. Batzuetan, kristoren gaizki jotzen dugu, hori ere gerta daiteke, eta, hala ere, mezu zuzenak komunikatzen lortzen dugu. Kontua da oreka bat lortzea. Alde batetik, nota perfektuak eta jotzeko trebetasuna, eta, bestetik, emozioak aske ibiltzen uztea. Bi puntu horien artean ibiltzea da kontua. Muturretara joanez gero, ez gabiltza ondo. AB: Hortaz, oholtzan grabatuta dagoena besterik gabe jotzea izango litzateke okerrena. JL: Bai. Heriotzaren musua izango litzateke, eta azkar batean erretiratuko nintzateke. Eta erabat lotsatuko nintzateke. Baina Duracell pilen untxia naiz ni: aurrera eta aurrera noa! Argazkilaritza: Ion Markel / Ibai Arrieta SEX PISTOLS – Paranoia Gehiegi Dago Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Alemaniako Errepublika Federalak Berlingo Hesia eraiki zuen, Sobietar Batasunak aginduta. Europako mendebaldean, komunisten kontrako beldurra eta paranoia izugarria zen, eta hesia dugu horren ikur nagusia. Giro eta garai hartan Sex Pistols taldea sortu zen Londonen. Nahiz eta askok horrela esan, Sex Pistols ez zen lehenengo punk-taldea izan (haiek baino lehen, Velvets, Stooges, Neu! eta beste hainbat punk edo aurre-punk talde aritu baitziren musikan), ezta azken rock’n’roll taldea ere. Gehienon iritziz, taldearen musika indartsua eta ederra zen; letrak, zirikatzaileak. Inork ez luke ukatuko Sex Pistols-en oihartzuna ikaragarri handia zela, musikan zein gizartean oro har. Beti izan da taldeari buruzko eztabaida bat: “benetako” talde bat zen ala Malcolm McLaren managerraren asmakizuna. Argi dago McLaren-ek oso eragin handia zuela taldean, eta neurri handi batean, hark kontrolatzen zuen. Aldi berean, musika zein letrak taldearenak ziren, eta hori ez da kontu makala. Bestetik, zer da“benetako” talde bat? The Beatles iragarki bati esker elkartu ziren, eta Bill Wyman haren anplifikadoreari esker sartu zen The Rolling Stones taldean. Taldea sortu eta bi urtera, 1977ko udan, «Holidays in the Sun» (Oporrak eguzkipean) grabatu zuten: Opor merkea besteen pobreziak ingurututa Ez ditut oporrak eguzkipean pasatu nahi Belsen Berrira joan nahi dut Historia pixka bat ikusi nahi dut Orain ekonomia nahiko ona dut eta Orain arrazoi bat badut, orain arrazoi bat badut Orain arrazoi bat badut eta oraindik itxaroten ari naiz Orain arrazoi bat badut, orain itxaroteko arrazoi bat badut: Berlingo Hesia Doinu inguratzaile bat bi hazbeteko hesi batean Komunisten deiaren zain nengoen Ez nuen eguzkia eskatu eta Hirugarren Mundu Gerra eman zidaten Hesi gainetik begiratzen ari naiz Eta nire so daude Gau eta egun tinko begiratzen didate Ez nuen inolako arrazoirik hemen egoteko Eta orain arrazoia badut ere, ez da benetako arrazoia Eta zain nago Berlingo Hesian Berlingo Hesia gainditu behar dut Ez dut ulertzen Hesia gainditu behar dut Berlingo Hesia gainditu behar dut Berlingo Hesia gainditu egingo dut Klaustrofobia bai, paranoia gehiegi dago Ezkutuko leku gehiegitan sartu nintzen lehen Eta orain arrazoia badut ere, ez da itxaroteko moduko arrazoia Hesiaren gainetik jauzi egin behar dut Ez dut hau batere ulertzen Film eskas baten bezalakoa da Elkarrizketa merkeak, dekoratu merkeak Hesia gainditu behar dut, Berlingo Hesia gainditu nahi dut Agur egin osoan, Berlingo Hesia gainditu dugu Ez dut hau batere ulertzen Berlingo Hesiaren gainetik jauzi egin nuen Jendeak agurtzen ninduen egun osoan, Berlingo Hesia gainditu Ez dut hau batere ulertzen Mesedez, ez nazazu itxaron Garaiko klaustrofobia, paranoia eta beldurra adieraztearekin batera, Rotten-en letrek taldearen egoera deskribatzen dute: deskonposizioa. Hortik gutxira, taldea desegin egin zen, Kaliforniako oholtza bat gainean, erabateko anabasan. «Oporrak eguzkipean» abestiaren letrak oso adierazgarriak eta indartsuak dira, baita erabat nahaspilatsuak ere. Kontzientziaren erreka erabilita, gizarte oso baten hondamena oroitarazten digu abestiak. Baita taldearena ere. PUBLIC IMAGE LIMITED – Istorio Bakoitzak Bi Alde Dauzka Zein da hezibide egokiena? Portaera formalari eustea ala besteengan pentsatzea, haien interesak eta iritziak kontuan hartzea? Musikaren abestirik ederrenetako batean, John Lydone abeslariak bi aukerak erakusten dizkigu. Batetik, portaera finez agurtzen gaitu hasieran («Hello! Hello!») eta gizabidez agurtzen gaitu amaieran («Goodbye!»). Bestetik, izugarrizko erretolika bat bota ondoren, istorio bakoitzak bi bertsio dauzkala onartzen du («Two sides to every story»). Public Image Limited (PIL) taldea sortu baino lehentxeago, hilabete batzuk lehentxeago, Lydon «Rotten» (ustelduta) ezizenaz ezaguna zen, eta Sex Pistols taldearen abeslaria izan zen. «Public Image» (Irudi publikoa) abestian Sex Pistols taldean gertatu zitzaiona kontatzen digu, eta, batez ere, Malcolm McLaren managerraren manipulazioa. Sex Pistols-ekin, McLarenen asmoa rock’n’rolla betiko apurtzea izan zen. Baita diru mordoa lortzea ere, jakina. Eta, hori egiteko, taldekideak txotxongilo gisara erabili nahi zituen. Zoritxarrez –McLaren-entzat–, eta zorionez –guretzat–, taldekideak musikazaleak ziren, eta hori Sex Pistols-en musikan nabaritzen da. Horrez gain, Rotten/Lydon ez zen inoren txotxongiloa izango. Kaixo, kaixo, kaixo ... Kar, kar, kar! Ez zenuen inoiz nik esaten nuena entzuten Janzten nuen arroparegatik ikusten ninduzun bakarrik Ala zure interesa sakonagoa al zen? Nire ilearen koloreak izan behar zuen. Ez zegoen inoiz argi zer nahi zenuen Irudiaren atzean ezjakintasuna eta beldurra zeuden Haren makina publikoaren atzean ezkutatzen zinen Betiko ereduei jarraitzen diezu oraindik Istorio bakoitzak bi alde dauzka Norbaitek gelarazi behar ninduen Ez naiz hasieran bezalakoa Ez dut ni jabetzatzat tratatzea onartuko Istorio bakoitzak bi alde dauzka Norbaitek gelarazi behar ninduen Ez naiz hasieran bezalakoa Ez da Monopoly joko bat Irudi publikoa Nahi zenuena lortu zenuen Irudi publikoa nirea da Nire sarrera da, Nire sormena Nire irteera ikusgarria, nire agurra... Agur! Lydon-en letran, gehienetan bezala, paranoia agertzen da -gogora dezagun «Holidays in the sun» abestiaren «There’s too much paranoia» (paranoia gehiegi dago)-. Zenbait lerrotan, ez dago argi abestiaren pertsonaia Lydon ala McLaren den, esaterako. Hala ere, paranoikoa izateak ez du esan nahi jazartzen ez gaituztenik, eta McLarenen manipulazioa oso agerikoa zen. Baina lortu zuen Sex Pistols azken rock’n’roll taldea izatea eta rock’n’rolla apurtzea? Askoren arabera, PIL lehenengo post-rock’n’roll taldea izan zela. Hala ere, interpretazio hori sinpleegia edo okerra da. Hainbat post-rock’n’roll talde egon ziren Sex Pistols baino lehen ere –hala nola Can, Neu!, Kraftwerk–, eta Lydon bera ere haien miresleen artean zegoen. PIL taldearen sortzaileak, Lydonez gain, Keith Levine gitarra-jotzailea eta Jah Wobble baxu-jotzailea izan ziren. Lehenengo bi diskoak berritzaileak dira, ederrak. Hiru kideen ekarpenak oso interesgarriak dira: Lydonen letrak eta ahoskera argia, Levinen testura hipnotikoak, Wobblen erritmoek biribil ikusezinetan mugiarazten gaituzte. LOU REED – Boskotea Aforismoen arabera, guztion laguna eta inorena ez, eta politikaz pentsatzen ez duela esaten duena, baina eskuindarra. Lou Reed-en abestirik onena «Walk on the Wild Side» dela esaten duenak gutxi ezagutzen du Lou Reed-en lana. Eta zertarako ezagutu Lou Reed-en lana? Hona hemen bost arrazoi: 1/ «White Light White Heat». Bi egunetan grabatu zuen diskoa, eta hori nabaria da: talde baten disko gordina da, espontaneoa dirudi, eta, aldi berean, oso originala da. Gordina, zaratatsua, esperimentala eta ikagarri ederra. Anabasa islatzen du. «The Gift» abestiaren ipuin beltza. «Here She Comes Now» abestiaren lirismoa. «Sister Ray»-en, bada, dena! «Sister Ray» goizean goiz jarri, bolumena topera, eta egunarekin gozatu. 2/ «Berlin». Pianoa, ahotsak, gitarrak eta orkestra. Nostalgia, tragedia, herri/maitale/gaztaro-mina... Hiri bat baino gehiago marrazten dira diskoan, hiru pertsonaia baino gehiago, egoera eta sentimendu anitz. «Lady Day» epikoa. «Caroline Says II» abestiaren tristezia eta edertasuna. «Sad Song» sinfoniaren amaiera. 3/ «The Blue Mask». Berriz ere talde batekin agertzen zaigu, eta, kideen artean, besteak beste, Fernando Saunders eta Robert Quin ditugu. Lagun minei, emazteari eta bere buruari buruz abesten digu, serio, eta, tarteka, dibertigarri. «My House» abestiak oso giro berezia sortzen digu. «The Heroine»-n zuzentasuna. «Heavenly Arms»-en amodioa. 4/ «New York». Gitarrek txilinak ematen dizkigute, eta musika mota anitz nahasten ditu. Gizarte-kritika ere ageri zaigu: esplotazioa, droga-saltzaileak, politikari hipokritak eta erlijioa agerian uzten dizkigu. «Dirty Blvd»-en kontakizuna eta korua. «Sick of You»-ren gogaitasuna. «Dime Store Mystery»-ren edertasun atonala. 5/ «Berlin». Hogeita hamabost urte beranduago, disko osoa jo zuen berriro hainbat kontzertutan, eta Julian Schnabel-ek filmatu zuen New Yorken. Zenbait musikarik jatorrizko diskoan ere jo zuten, hala nola Steve Hunter gitarra-jotzaile zoragarriak. Schnabel-en irudiak eta zuzendaritza egokia baino egokiagoak dira. Bandak diskoaren bertsio fidela egiten du, oso, eta, aldi berean, kontzertua freskoa eta espontaneoa da. Soloak eta inprobisazioak ere ez dira falta, orkestra ederki aritzen da, eta abesbatzaren partea ederra da. Eta ezin duzue galdu Anthony Hegarty-ren «Candy Says». Miraria benetan. Bai, Lou Reed-ek hasieran aipatu dugun abesti hori idatzi zuen, baita askoz gehiago ere. Gozatu eta partekatu. THE VELVET UNDERGROUND – Oparia Lehendabiziko narrazio luzeak errimaz idazten ziren, ziur aski, poetek musikaz lagunduta errezita zitzaten (Homeroren Iliada eta Odisea, kasu). Gerora, erromantzeek, Erdi Aroko narrazioek, kantatek eta operek ohitura horri jarraitu diote. Rock-musikan ordea, poema laburrak badaude, baina iraupen luzeko kantu-narrazio oso gutxi gauzatu da. The Velvet Underground-en «The Gift» (Oparia) horietako bat da. Lou Reed-ek idatzita eta John Calek errezitatutako kantu-narrazioa dugu, eta ipuin klasikoetan bezala, amaieran sorpresa bat eskaintzen du. ___ Waldo Jeffers-ek ezin zuen gehiago jasan. Abuztuaren erdialdea zen, eta bi hilabete baino gehiago zeramatzan Marsha gabe, hortaz. Bi hilabete, eta askotan irakurri zituen hiru gutun eta bi distantzia-handiko dei garesti baino ez zituen. Ikasturtea bukatzean, Marsha Wisconsinera eta Waldo Locustera (Pennsylvania) itzuli ziren, eta egia da neskak gutxi gorabehera fidel izango zitzaiola zin egin zuela. Noizean behin, mutilen batekin geratuko zen, baina ondo pasatzeko bakarrik. Fidel izango zitzaion. Baina, azken aldian, Waldo kezkatzen hasita zegoen. Kostata lokartzen zen gauez, eta, loak hartzen zuenean, amesgaiztoak izaten zituen. Gauean esna geratzen zen ohean, bira eta bira edredoiaren azpian, eta negar batean Marsha irudikatzen zuen, promes sakratuak edariaren eta neandertalen baten etorri suabearen erruz bertan behera utzita, ahanzte sexualaren azken fereketan galduta. Gizaki baten buruak ezin zuen hainbeste jasan. Marsharen desleialtasuna irudikatuz bizi zen. Egunean zehar gehiegikeria sexualen ameskeriak buruan sartzen zitzaizkion. Eta mutil haiek ez zuten Marsha ondo ulertuko. Waldok, Waldok bakarrik ulertzen zuen. Senak lagunduta, Marsharen psikearen bazter eta zirrikitu guztiak ulertzen zituen. Barrea eragiteko gai zen. Marshak Waldo behar zuen, baina ez zegoen haren ondoan. Ideia Mozorro Desfilearen aurreko ostegunean bururatu zitzaion. Edelsontarren belardia moztu berri zuen, dolar bat eta berrogeita hamar zentimo kobratuta, eta postontzian begiratu zuen, Marshak gutun laburren bat behintzat bidali zion ikusteko. Amalgamated Aluminum Company of America-ren iragarkia baino ez zegoen, eguzki-oihalen bat behar zuen galdetuz. Haiek, behintzat, harekin arduratzen ziren. Enpresa New Yorkekoa zen. Postaz, edozein lekutara joan zintezkeen. Eta orduan ideia otu zitzaion bat-batean. Ez zeukan Wisconsinera ohiko moduan joan-etorria egiteko adina dirurik, ez, baina zergatik ez bere burua postaz bidali? Erraz baino errazagoa zen. Pakete batean egingo zuen bidaia, banaketa bereziko zerbitzuarekin. Hurrengo egunean, Waldo supermerkatura joan zen behar zuen tresneria erostera. Zinta amerikanoa, grapagailu bat eta haren tamainakoa pertsona batentzako moduko kartoi-kutxa ertaina erosi zituen. Mugimendua gutxi jasanez gero, pentsatzen zuen gustura samar joango zela. Aire-zulo batzuk, ur pixka bat, beharbada mokadutxo batzuk, eta, ziur aski, turista-txartelarekin bezala joatea bezain atsegina izango zen. Ostiral arratsalderako, Waldo prest zegoen. Kutxan sartuta zegoen, eta postetxekoek esan zioten hiruretan joango zirela haren bila. Paketearen kanpoaldean “Hauskorra” idatzi izan zuen, eta, barruan uzkurtuta zihoala, goma-aparrezko bigungarriaren gainean eserita, Marsharen aurpegia irudikatzen saiatu zen, atea harriduraz eta pozaz irekitzen. Paketea ikusiko zuen, banatzaileari eskupekoa emango zion, paketea irekiko zuen, eta, azkenik, Waldo ikusiko zuen hor. Musu bat emango zion, eta gero, beharbada, pelikula bat ikusiko zuten. Zergatik ez zuen ideia lehenago izan? Bat-batean esku zakar batzuek paketea hartu zuten, eta Waldok igotzen zutela sentitu zuen. Kolpe batekin lurreratu zen, eta kamioia abiatu zen. Marsha Bronsonek ilea apaintzen bukatu berri zuen. Oso asteburu gogorra zen. Gogoratu behar zuen ezin zuela horrela edan. Baina Billek ez zion ezer gaitzetsi. Dena amaitu ondoren, oraindik errespetatzen zuela esan zion, eta, azken batean, gauza naturala zen, eta, eta maite ez zuen arren, txera zion. Eta, azken batean, helduak ziren. Ene, Billek asko irakats ziezaiokeen Waldori… baina hori guztia aspaldiko kontua iruditzen zitzaion. Sheila Klein, Marsharen lagun minik minena, portxeko atetik sartu zen sukaldean. «Ai, ama, hau sargoria kanpoan.» «Ba, ulertzen dizut, nazkagarri nago!» Marshak setazko ertzak zituen kotoizko txabusinaren gerrikoa estutu zuen. Sheilak hatzarekin sukaldeko mahai gainean zeuden gatz ale batzuk hartu zituen, mihira eraman eta keinu bat egin zuen. “Gatz pilula hauek hartzeko esan zidaten, baina,” eta sudurraren keinua egin zuen, “baina botaka egiteko gogoa ematen didate.” Marsha kokospean kolpe txikiak ematen hasi zen, telebistan ikusi zuen ariketa bat. “Ama, hori ezta aipatu ere.” Mahaitik altxatu zen, harraskara joan, eta bitamina arrosa eta urdinez betetako botila bat hartu zuen. “Bat nahi? Xerra baino hobeak omen dira,” eta, orduan, saiatu zen belaunak ukitzen. “Ez dut uste daikiririk berriro edango dudanik.” Ahaleginari utzi zion, eta telefonoa gainean zuen mahaitik gertuago eseri zen. “Beharbada Billek deituko dit,” esan zuen Sheilaren begiradari erantzunez. Sheilak kutikula bat hozkatu zuen. “Atzokoaren ondoren, uste nuen ez zenuela berriro ikusiko.” “Badakit zer esan nahi duzun. Ene, olagarroa bezalakoa zen! Eskuak leku guztietan.” Eskuak altxatu zituen, haren burua zuritu nahian. “Kontua da, denboratxo bat pasata, borroka egiteaz nekatzen zarela eta, badakizu, ostiralean eta larunbatean ez nuenez gauza handirik egin, zor nion, nolabait. Badakizu zertaz ari naizen.” Hazka egiten hasi zen. Sheilak ahoa eskuarekin estali zuen, barreka. “Bada, egia esan, ni berdin sentitzen nintzen, eta, une bat pasatu ondoren,” eta orduan aurrera makurtu eta isil-gordeka esan zion, “nik ere egin nahi egin nuen!”. Orduan, ozenki hasi zen barrezka. Eta istant horretan, Clarence Darrow Postetxeko Jameson jaunak egurrezko etxe handiaren txirrina jo zuen. Marsha Bronsonek atea ireki zuen, eta gizonak paketea sartzen lagundu zion. Marshak paper zatitxo hori eta berdeak sinatu zizkion, eta egongelan zegoen amaren diru-zorrotik hamabost zentimo atera zituen, eskupekoa emateko. «Zer uste izango dela?» Sheilak galdetu zion. Marsha zutik zegoen pakete aurrean, besoak bizkarrean antxumatuta. Egongelaren erdian zegoen kartoizko kutxa marroiari tinko begiratu zion. “Ba, ideiarik ez.” Paketearen barruan, Waldo zirraraz dar-dar egiten hasi zen, ahots motelduak entzutean. Sheilak azazkala kutxaren erdiko zinta amerikanotik pasatu zuen. «Zergatik ez duzu igorlea begiratzen, ikusteko nork bidali duen?» Waldok bere bihotzaren taupadak entzuten zituen. Oinkaden bibrazioa sentitzen zuen. Laster izango zen. Marshak kutxa inguratu zuen, eta tintaz trakets idatzitako etiketa irakurri. «Ai, ama, Waldorena da!» «Babu hori!» Sheilak esan zuen. Waldok, itxaropenaz dar-dar egin zuen. «Beno, irekitzea ere bazenuke» Sheilak esan zuen. Biak hegal grapaduna altxatzen saiatu ziren. «Arraioa», esan zuen Marshak, kexuka, «iltzeekin itxi du.» Hegaletik tiratu zuten berriro. «Ama, zulagailu elektriko bat beharko dugu hau irekitzeko!» Berriro tiratu egin zuten. «Ezin zaio heldu.» Gelditu ziren, arnasestuka. «Zergatik ez dituzu guraizeak erabiltzen?» proposatu zuen Sheilak. Marsha sukaldera korrika joan zen, baina josteko guraizeak baino ez zituen aurkitu. Eta orduan, gogoratu zuen aitak sotoan zituela erremintak. Behera joan zen azkar, eta, itzuli zenean, labana industrial handi bat zuen eskuan. «Hau da aurkitu dudan onena.» Arnasestuka zegoen. «Tori, zuk egin. Erdi-hilik nago.» Peluxezko sofa handiaren gainera bota zen, eta arnasa bota zuen ozenki. Sheila saiatu zen zinta amerikanoaren eta kartoizko hegalaren artean zirrikitu bat zabaltzen, baina labanaren ahoa handiegia zen, eta ez zegoen modurik. «Pikutara joan dadila gauza hau!» oihu egin zuen, erabat amorratuta. Orduan, irribarrez, esan zion «Badut ideia bat.» «Zer?» galdetu zion Marshak. “Begiratu,” erantzun zion Sheilak, hatz batekin kopeta ukituz. Paketearen barruan, Waldo zirraraz hain zegoen paralizatuta, ezen ia ezin baitzuen arnasa hartu. Azalak azkura egiten zion beroarengatik, eta bihotzaren taupadak eztarrian sentitzen zituen. Berehala izango zen. Sheila erabat tente jarri zen, eta paketearen beste aldera joan zen. Orduan, belaunikatu, labanaren bi heldulekuei eutsi, arnasa sakon hartu, eta xafla luzea paketearen erditik sartu zuen. Zinta amerikanoa, kartoia, enbalajea eta –zart!– Waldo Jeffersen burua zeharkatu zituen, zeina pixka bat apurtu zen eta arku erritmiko gorri txikiak dardarazi zituen leunki goizeko eguzkipean. RICHARD HELL – Belaunaldi Hutsala Punk-musikariek gizartean gaizki sentitzen zirela adierazi zuten askotan. Richard Hell (Rikardo Infernu) abeslariak horri buruz abestu zigun 1977ko «Blank Generation» (Belaunaldi hutsala) abestian. Gizartean bizi gara, eta sarritan, hori ez da gure gustukoa. Justizia falta, pobrezia, azalkeria, kontsumismoa... gizartearen ezaugarri askok gizartetik kanpo bizitzeko gogoa eman diezagukete. Badakigu gure bizimodua halakoa dela; baina, ezer gutxi egin dezakegulako hori konpontzeko, pentsa dezakegu ez dugula hemengoak izan nahi, nahiz eta hemengoak izan eta arazo horrek konponbide zaila izan. Zoritxarrez, gizartearekin ez identifikatze hori ez da berria. Gainera, unibertsala da. Punk-musikariek gizartean gaizki sentitzen zirela adierazi zuten askotan. Olerkari fina da Hell, eta abesti honetan, zertzeladez, sentsazioak eta ideiak sentiarazi zizkigun. Jaio baino lehen, «hemendik atera nazazue» esaten nuen. Behin jaiota ere, urpegia eskuratzea arriskutsua da. Ispiluak egiten duena begiratzea liluragarria da, baina, afaltzean, hormaren parean jartzen dut platera. Hirukiak erortzen ziren leihotik gertu, eta medikuak madarikazioa bota zuen: jendeak ahaztuta zeukan marrazki biziduna zen. Erizainak galtzariak txukundu zituen lehenengo arnasa jaso nuenean. Medikuak eztarria harrapatu zidan, eta garrasi egin zuen: «Jainkoaren kontsolazio-saria da!» Telebista ezpainen kontra heldu, airea diruz beteta. Gero, eskaileran gora eraman eta lursail huts batera bota. Pentsamenduaren ildoa galdu eta zure besoetan erori eta zeharkatzen ditugun puntu ibiltari ikusi burua makurtuta. Belaunaldi hutsalekoa naiz, baina edozein unetan hartu edo utz dezaket. Belaunaldi horretakoa naiz baina baina edozein unetan hartu edo utz dezaket. Richard Hell aitzindaria izan zen punk-mugimenduan. Haren letrek gizartea zalantzan jarri zuten. Rock-musika gordina eta basatia egin zuen. Inor baino lehen arropa kateorratzekin konpontzen/apaintzen hasi zen. Ingalaterrako taldeak agertu aurretik, oso janzkera eta jarrera baldarra eta inkonformista zituen, eta haren eragina ikus daiteke Ingalaterrako talde guztietan. Television-en taldekidea izan zen, baita The Heartbreakers-ekoa ere, eta The Voidoids ('Hutsuneizakiak') sortu zuen, haren abestiak nahi zuen moduan egiteko. Malcolm McLaren-ek, Sex Pistols-en managerrak, erreklutatu nahi izan zuen Sex Pistols-en abeslari izateko. Hell-ek ezezkoa eman zion, eta, horri esker, Johnny Rotten-ek (Jontxo Ustelak) postua lortu zuen. Hell-en arabera, «Belaunaldi hutsala» abestia ez zen ondo ulertu garai horretan. Haren asmoa edozein gauza izan gaitezkeela adieraztea izan zen, baina gehienek ezin garela ezer izan ulertu zuten. Sarritan, antzera gertatu zen punk-mugimendu osoarekin: nahiz eta abesti asko oso ezkorrak izan, mugimenduaren ezaugarririk garrantzitsuenetako bat askatasunaren aldarrikapena izan zen, aldi berean. TINDERSTICKS – Gauzen Muina, Guztia Nondik Ateratzen Den, Ez Da Nire Lekua «Gauzen muina, guztia nondik ateratzen den, ez da nire lekua» abestu zuen Stuart Staplesek, Tindersticks taldearen abeslariak, 1993ko «City Sickness» (Hiriaren gaixotasuna) abestian. Gaur arte, ildo beretik jarraitzen du taldeak: oraindik ere, ia beste musikari guztiek jarraitzen duen ildoetatik kanpo doa Ingalaterrako talde hau. Taldea 1991n sortu zen, Nottingham-en, eta orduz geroztik, zortzi album plazaratu dituzte. Azkena, aurten kaleratu dute: «Falling Down a Mountain» (Mendi batetatik erortzen). «Tindersticks» abarrak dira ingelesez, hots, egurretarako erabiltzen diren zuhaitzen edo zuhaixken adarrak. Sute handiak adar txikiekin hasten dira. Taldearen izenaren esanahiak, hortaz, adieraz dezake melodia sinpleen bitartez abesti ederrak konposatzen direla. Estilo berezia du taldeak. Konposizioek liraintasuna, sentimenduak, eta, noizean behin, ironia eta umorea dituzte ezaugarri. Tindersticks-en doinu berezia instrumentazioaren, Staples-en ahots sakon eta ederraren eta taldekideen gustu sofistikatuaren bidez azal daiteke. David Boulter-ekin, teklatu-jotzaile eta taldearen konpositoreetako batekin, hitz egin dugu. Aritz Branton: Zortzigarren albuma atera berri duzue, ehunka kontzertu egin dituzue, eta orain bi taldekide berri dituzue. Baina, oraindik ere, taldeak bere betiko estilo berezia dauka. David Boulter: Neurri handi batean, Stuarten ahotsarengatik eta parte hartzen dugun guztion jarrerarengatik da. Kontua ez da agertokian gaudenean jendea guri so egotea, ezta ospea lortzea ere, barnean dagoen eta atera behar dugun gauza bat baizik. Ez da erraza asmo hori bera daukan talde bat aurkitzea. Nerabezaroan, musikak elkartu gintuen Stuart, Neil eta hirurok, eta oraindik elkarrekin gabiltza musikari esker. AB: Nabaritzen da taldekide guztiek parte hartu dutela album berrian, «The Hungry Saw» diskoan, alegia. DB: Irekitasun gehiago eta sormen askeagoa ditugu orain, lehen baino. «The Hungry Saw» biran abesti asko idatzi genituen, aldageletan, eta ideiekin saiakuntzak egituen. Betiko Tindersticks-en musika da, eta, aldi berean, etorkizunean mugitzeko espazioa dago. AB: Erraza izan zen «Falling Down a Mountain» egitea? DB: Hasieran, bai. Abesti guztiak gure gustukoak ziren; baina, gero, guztiak elkartzea zaila izan zen, istorio baten bila gabiltzalako beti. 16-17 abesti genituen, eta batzuk galdu behar genituen album on bat, hau da, osotasuna lortzeko. Zerbait ezberdina gertatzen ari da gure musikarekin une honetan, eta gure hurrengo urratsa zirraragarria eta interesgarria izango da. Gure lehenengo diskoa bezalakoa da, nahi duen bezala dabil, doinu ezberdin asko dauzka. AB: Disko bakoitzean abestien artean aniztasuna egotea nahita bilatzen duzue? DB: Uste dut sen onekoa dela. Hasieran, gure diskoak soinu-bandak bezalakoak zirela esaten zen. Ez zen ahalegin kontziente bat, baina album bakoitzak istorio bat kontatzen zuen. Horregatik, ahotsik gabeko piezak dituzte, baita duoak ere, ahots ezberdinak entzuteko. Guretzat, album bakoitza istorio bat da. AB: «Waiting for the Moon» albumean, «My Oblivion» abesteiak doinu malenkoniatsu du, eta, gero, «Just a Dog» abestiak jarraitzen dio. Bigarren abesti horrek, nahiz eta letra oso alairik ez izan, oso doinu alaia dauka. DB: Stuartek pentsatzen zuen «My Oblivion» oso abesti berezia eta ederra zela, eta, abesti horren ondoren, beste abesti bat beharrezkoa zela, sentimenduak berehala aldatzeko. Horrela, abesti horiek irla txikiak dira diskoan. Azken diskoan, «The Other Side of the World» abestia bi ahotsik gabeko piezen artean dago, eta, horrela, arnasa hartzeko espazioa dauka. AB: Nola prestatzen dituzue abestiak, edo abestien ideiak, grabatu baino lehen? DB: Ideiarik onenetako batzuk zehaztugabeak dira, eta, gero, lagunok erantzuna ematen diegu eta espero ez genuen zerbait ateratzen da. Horren adibide da album berriaren lehenengo kanta, «Falling Down a Mountain». Stuartek letrak, erritmo bat, doinu bat eta baxuaren melodia egiteko ideia batzuk zeuzkan, eta dena bi ordutan osatu zen. Zuzendu egin genuen pixka bat, ahots batzuk gehitu genituen, tronpeta ere bai, baina oinarrizko grabaketa oso azkar egin genuen. AB: Abesti alai bat egitea, hutsala edo topikoa izan gabe, oso zaila da, baina Tindersticks-ek oso ondo lortzen du abesti batzuetan; esaterako, «Harmony around my Table». DB: Oso abesti zalantzatia da, ia modu ezkor batean idatzi zen, baina oso jarrera baikorra dauka doinuan: gauzak ondo atera daitezela nahi duzu, nahiz eta orain horrela izan daitekeen ez jakin. Dantzarazten gaituzten soul musikaren abesti asko oso tristeak dira, harremanen porroten buruzkoak dira; baina, aldi berean, erritmo berezi bat daukate eta oso sentimendu eder bat, eta ondo sentiarazten gaituzte. Horregatik, besteak beste, soul musikak betidanik liluratzen gaitu. Hunkitzen gaitu, baina, aldi berean, badakigu mendeetan zehar beltzek jasandako sufrimenduan oinarritzen dela. AB: «Txakurra naiz, besterik ez, eta gizon bat izateko ikasten dut. Txakurra naiz, besterik ez, eta ulertzen ez ditudan gauzak ikasten ditut.» Oraindik ikasten duzue musikarekin? DB: Zalantzarik gabe. Urteetan zehar, musikari askorekin jo dugu. Haien artean heziketa klasikoa jaso duten batzuk badaude; baina, kasu batzuetan, pertsona horiek ez dute sentimendu handirik sartzen musikan. Nota bakoitza jo dezakete, hori oso erraza zaie. Baina guri jarraitzeko animatzen gaituen gauza bat musikaren zailtasuna da, borrokatu egin behar izatea lortu nahi duguna lortzeko, pianoaren zati bat ala abesti eder bat idaztea izan. Ez da erraza, eta horregatik jarraitzen dugu. TINDERSTICKS – Txokolatea Ostiral arratsalde ezin hobea izan zen. Lana ia bukatuta geneukan. Apaintzen ari ginen etxea gizontxo zahar batena zen. Traje txalekodun batez jantzita zebilen beti, eta, ziur aski, soldadutzatik lizentziatu zenetik zeukan. Bazirudien beti zegoela postetxerako bidean, paper marroiz eta lokarriz bildutako paketeak besazpian. Txikoria ateratzen zigun portzelanazko kikaretan, eta custard cream gailetak plateretan. Gurasoen etxea zen: urte batzuk lehenago zendu ziren, bata bestea baino aste gutxi batzuk geroago. Gizona ez zen inoiz beste inorekin bizi izan, ezta beste etxe batean ere. Neure buruari galdetzen nion zer gertatuko ote zitzaion etxeari gizona zendu ondoren. Nire gelara heltzeko ibilbidea oso laburra zen. Garai batean, etxea agurearena bezalakoa izan zen; baina, ordurako, gela bakarreko hainbat pisutan zegoen banatuta. Eta, iraganean, haren etxeak bezala, lorategi handia izan zuen. Gaur egun, ordea, solairu bakarreko eraikin moderno bat zegoen bertan, eta, haren barruan, haginlari baten eta podologo baten kontsultak. Nire gelan sukalde elektrikoa zegoen; neguan gela berotzeko baino ez nuen erabiltzen. Haren ondoan harraska bat; gainean, beirazko apal bat, eta apalaren gainean hortzetako eskuila eta kaxa bat Marlboro. Bazter batean, mahai bat eta aulki bat, eta, erdian, metro karratu bat inguru zegoen libre. Ohe azpian egurrezko tiradera bat zegoen; han nituen nire arropa ia guztiak, eta, gainerakoak, aulki gainean. Disko-jogailu bat neukan, eta, haren azpian, diskoz betetako kutxa batzuk. Lehenengo eta bigarren solairuko bainugela nire gelaren aurrean zegoen. Ur-neurgailu batek 50 penikeko txanponak hartzen zituen. Ordu erdiz itxaron behar genuen ura berotu arte, bai eta adi egon ere, kabroi batek bainua lapurtu ez zezan. Komun bat zegoen goian eta beste bat kanpoan, baina ordurako inork ez zuen kanpokoa erabiltzen; beraz, auzoko prostitutek hara eramaten zituzten bezeroak, txortan egiteko. Ahalik eta denbora gutxien ematen nuen gelan. Herrira nindoala, larruazala oraindik bero eta leun neukan bainuarengatik. Beraz, 18:30ean, tabernako ohiko aulkian nengoen eserita. Betiko bezeroak geunden, hamabi inguru ordu horretan, erlaxatuta eta giro atseginean, zortziak jotzean etorriko zen jendetza heldu baino lehen. Barra txikiaren inguruan egoten ginen. Gero, billar mahaietara hurbiltzen ginen. Etxeko araua: irabazten zuenak jarraitu egiten zuen. Gure izenak arbelean idazten genituen, eta, ondoren, txanda itxaroten genuen. Erronkariak jokoa ordaintzen zuen, eta, beraz, ona izanez gero, gau osoa jokoan ematen zenuen. Gau horretan alimaleko nenbilen. Emakumea billar-gelan agertu zen pilota beltza sartu nuenean; zerrendako hurrengo izenak txanponak sartu zituen mahaian. Emakumea bistaz ezagutzen nuen, kale-kantoian zegoen tabernatik –paper margotu erliebeduna eta belus gorrizko tapizak zituena–;gauean joaten ginen, igandero. Billar-gelan, emakumeak beste itxura bat zeukan, itxura ona, eta niri begira zegoen. Partida ahalik eta azkarren bukatu nuen, larri galdu gabe, eta harengandik gertu geratu nintzen, zutik. «Nahi al duzu zerbait hartu?», galdetu zidan. «Nik eskatuko ditut. Zer nahi duzu?», erantzun nion. «Zuk hartzen duzuna», esan zidan. Ohiko bezeroa izatearen abantaila zera da: nahiz eta barra gainezka egon, bekain bat altxatu, buruarekin keinua egin, eta botila pare bat Holster Pils garagardo pasatzen dizkizutela besteen buruen gainetik. Tarte batez billar-gelan ibili ginen, besteen «barkatu» entzuten, ukondoak eta billar-makilak saihesten; azkenean, alde egitea erabaki genuen. Goizegi zen klubera joateko, eta, beraz, kale-kantoian zegoen igande gaueko tabernara joan ginen. Ostiral gauean ere lagun asko zeuden; bikotez eta ikaslez beteta zegoen. Esaten zuten homosexualak joan ohi zirela taberna horretara; ziur aski, horregatik joaten ziren ikasleak, seguru sentitzeko. Nire ametsetako emakumea zen. Pernod eta andere-mahats beltzak edan genituen, John Barry eta Ford Cortinas autoz mintzatu ginen –Mark 3 hobesten zuen– eta zein nahiago? : ile-gomina ala Brylcream? Nik Brylcream nahiago nuen. Ados geunden On Her Majesty’s Secret Service zela James Bond-en filmik onena, osotasunean hartuta, George Lazenbyz-ekin obsesionatu ezean. Silkcuts erretzen zituen, Marlboroak ere gustuko zituen, eta bioi gustatzen zitzaizkigun Old Port zigarro puruak. Klubera joan ginen. Goialdean tipula-pastel frijitu pare bat jan genituen, eta, gero, beheko gela lasaira joan ginen, dantzalekutik gertu. Goiz ateratzea erabaki genuen; ez litzateke atsegina izango han egotea itxi arte, argiak pizten zituztenean. Ez zinateke han berriro eseriko. Kostata, aterainoko bidea ireki genuen, une ona zen handik irteteko: oraindik zulo beltza zen, beroa, kez beteta, aukeraz josia... Emakumea ibai ondoan bizi zen, herriaren beste aldean. Taxiak hartzeko ilara infernu bat zen, beti bezala. Patata frijituak saltzen zituen gaueko denda zegoen ondoan. Patatarik okerrenak ziren; baina, ordu haietan, beteta zegoen saltokia. Kanpoan, borrokan edo oka egiten ari ziren. Taxian sartu ginen; axola zitzaigun gauza bakarra gu geu ginen. Haren gelan –nire gela bezalakoa zen, etxearen parekoa– konponketa batzuk eginda zituen: 50eko hamarkadako aktore famatuen paper margotua zuen hiru hormatan, David Bowie-ren afixa handi bat, eta errezel politak; neuk ere erraz eraberri nezakeen magnoliaz eta diseinu arruntez apaindutako nire gela. Azken batean, horixe zen nire lanbidea. Lanpara batzuk zituen, baita kandela batzuk ere. Benetako txokolatea prestatu zuen; ez zen makinetatik ateratzen den berehalako kaka hori. Pakete bat Fox gaileta zuen, baita Cointreau botilatxo bat ere. Egun ezin hobe baten bukaera. Are hobea zirudien txokolateari, zigarroei eta laranjazko likoreari esker. Mini-gona eskoziarra askatu nion, artilezko galtzerdi beltzak kendu, ezpainak hanketatik gora eraman... Ze arraio? Zakil gogor eta handi batek jo ninduen begian! «Kaka zaharra! Gizonezkoa zara!» Leihotik jauzi egin nahi nuen, garrasika, mugitu ezinik nengoen... Emakumezko... Gizonezko... Ez zen itxuraz aldatu. Buruko mina neukan, zerbait egin nahi nuen, zerbait esan... Negar-zotinka heldu zidan... «Agerikoa zen...nola ez duzu asmatu?» eta «Maite zaitut, zure emakumea izan naiteke...». Oraindik ere begi ederrak zituen, marroi sakonak, eta ezpainek txokolatearen eta laranjaren zaporea zuten. «Ze arraio!», esan nuen, «ez naiz inoiz titi-zalea izan...» THE DAMNED – Hara, Nor Da Paranoikoa? 80ko hamarkadan, munduan zehar talde askok Sex Pistols edota The Ramones hartu zituzten eredutzat eta punkaren parodia egin zuten. Artista batek iturri batetik bakarrik edaten badu, azkenean, bere lana mugatu eta txiro bihurtzen da. Horregatik, lagun askok punk musika bortitza, oldarkorra eta pobrea dela pentsatzen dute. Baina Sex Pistols-en fotokopia egitea ez da nahikoa musika interesgarria eta kementsua egiteko; emaitza ez da inoiz talde horren mailakoa izango. Dave Vanian (abeslaria), Captain Sensible (baju-jotzailea – Zentzuzko Kapitaina), Rat Scabies (bateria jotzailea – Arratoi Sarna) eta Brian James (gitarra jotzailea eta musikagilea) izan ziren The Damned (Madarikatuak) taldearen sortzaileak. Sex Pistols-ek baino lehen, baita The Clash-ek baino lehen ere, 1976an plazaratu zuen The Damned-ek lehenengo diskoa, «New Rose», eta Ingalaterrako lehenengo punk-singlea izan zen. Punkaren lehenengo albuma, «Damned, Damned, Damned», abesti kementsuz beteta dago: probokatzaileak, dibertigarriak, berritzaileak. Taldearen sormena eta askatasuna nabari ziren hasieratik. Bigarren albuma ahula izan zen, neurri handi batean Pink Floyd-en Nick Mason ekoizlearen erruagatik. Taldekideek taldea bertan behera uztea erabaki zuten. Horretan ere aitzindariak izan ziren The Damned: banatzen zen Ingalaterrako lehenengo punk-talde garrantzitsua izan zen. Baina berehala itzuli zen The Damned, nahiz eta Brian James gabe. Berriro ere, aitzindari izan ziren: berrelkartu zen lehenengo punk-talde garrantzitsua izan zen. Kapitainak gitarra eta teklatuak jotzeko ardura hartu zuen, eta talde osoa hasi zen abestiak moldatzen. Urte hartarako, «Machine Gun Etiquette» (Metrailetako Etiketa) diskoan aldaketa horiek agerian daude. Indar-izpirik galdu gabe, abestiak lehen baino anitzagoak dira: poparen, psikodeliaren eta gotikoaren eraginak ere ditu. «Love Song», «Can’t be happy today» eta «Smash it up» abestiak bereziki onak dira. 1982an Kapitainak bakarrik ibiltzea erabaki zuen, eta, hasieran behintzat, arrakasta komertzial handia izan zuen. Haren diskoetan The Damned taldekidea izan zela nabari da nolabait, baina batez ere pop musika egiten zuen. Bitartean, The Damned taldeak jarraitzen zuen. Hogeita hamabost urteotan zehar, hamar album plazaratu dituzte, eta munduan zehar eman dituzte kontzertuak. 1996an Rat Scabies taldetik atera zen, eta Kapitaina itzuli egin zen. Jarraitzaile askoren ustez, 2008ko «So, who’s paranoid?» (Hara, nor da paranoikoa?) taldearen diskorik onenetakoa da. Ohi bezala, taldearen indarraz eta umoreaz gain, era bateko eta besteko eraginak nabari dira. Diskoaren azken abestia, «Dark Asteroid» (Asteroide iluna), Syd Barrett-i eskaintzen dioten omenaldi izugarri ederra da. Esan bezala, artista batek iturri bakar batetik edaten badu, azkenean, aspertu egiten gaitu. Hogeita hamabost urte daramatza The Damned-ek bere musika indartsua, anitza eta dibertigarria eskaintzen munduari. Iturri asko erabiltzen dituztelako eta musikari eta sortzaile onak direlako, ezinezkoa da talde honekin aspertzea. Punk-musika ez da inoiz izan “Buaj!” esatea, besterik gabe, eta, horren adibide on-ona da The Damned. Punkaren ezaugarririk garrantzitsuenetako bat askatasuna da. Txantiloiak erabiltzeak askatasuna murrizten digu, eta aspertzen gaitu. Dibertigarriagoa da The Damned-en askatasunarekin gozatzea. SYD BARRETT – Burugabeak Barre Egiten Du Pink Floydek «Wish you were here» plazaratu zuen haren omenez. Bowiek haren «See Emily Play» eta «Arnold Layne» abestiak grabatu zituen. Baina, hainbat musikariri bezala, Barrett abeslari, gitarra-jotzaile eta konpositoreari ustezko istorio erromantiko bat dagokio. Pink Floyd sortu zuen, eta, 1968ra arte, taldea Londonen Undergroundeko talderik abangoardistarena zen. Orduan, drogez jota, lekua utzi zion David Gilmour-i. Bere kabuz bi disko egin zituen. 1971n, erotuta, Londonetik atera, sorterrira, Cambridgera, itzuli, amaren etxean sartu, eta han bertan hil zen 2006an. Beraz, istorioa ez da batere erromantikoa: haren sufrimendua eta maite zutenen larritasuna islatzen ditu. Guztiontzat, talentu handi bat goizegi galdu zen. Baina, kultura-zaleak garelako, Barrett-en legenda tristea baino haren musika axola zaigu. Ziur aski legenda beltzagatik berriro ere, sarritan pentsatzen da Barrett-en musika osoa psikodelikoa zela; drogak, fantasia eta gitarra elkartzen dituzten abesti zaratatsuak. Egia da Barrett oso gitarra-jotzaile sormenezkoa eta berritzailea zela, eta Pink Floyd-ekin egin zuen abestietako asko horrelakoak izan zirela; baina, tamalez, musika estilo horretan gutxi grabatu zuten. Taldearekin grabatu zuen disko bakarrean, «Piper at the Gates of Dawn»-en, abesti gehienak pop-kutsukoak dira, hiru salbuespen handi hauekin: «Astronomy Domine», «Lucifer Sam» eta «Interstellar Overdrive». Garaiko lekukoen arabera, taldearen kontzertuak ildo horretatik zebiltzan. Antza denez, Londonen arrakasta handia zuen Pink Floyd-ek musika abangoardista horrekin, eta, Londonetik kanpo, aldiz, publikoak taldea gorrotatzen zuen. Berriro ere, eta zalantzarik gabe legenda ditxosoagatik, oro har sinetsi ohi da Barretten lan onena taldea utzi zuenean amaitu zela. Baina errealitatea oso ezberdina da. Bakarrik egin zituen bi albumak zoragarriak dira. Lehenengoa, «The Madcap Laughs» (Burugabeak barre egiten du) bi taldekide ohik –Roger Waters eta David Gilmour– produzitu zuten, eta, bigarrena, aldiz, «Barrett», David Gilmour eta Rick Wright taldekide ohiek. Antza denez, Barrett-en egoera psikologikoarengatik grabaketak oso zailak izan ziren. Abesti batzuetan, musikariek oinarri musikala grabatu zuten, eta, gero, Barrett-ek gitarra eta ahotsa gehitu zizkien. Gehienetan, Barrett-ek grabatu zuen, eta, gero, beste musikariek ahal zutena egin zuten. Kasu bakar batean egin zuen talde osoak grabaketa aldi berean, «Gigolo Aunt» (Izeba gigolo) abestian. Hala eta guztiz ere, disko ederrak dira. Melodiak eta instrumentazioa hurbiltzen eta inguratzen gaituzteu. Doinu gehienak epelak eta goxoak dira. Ahotsa xarmagarria da. «Dominos» abestiaren gitarra-solo aldrebesa izugarri polita da, eta, antza, lehenengo saiakuntzan asmatu zuen. Letra batzuek sinpleak ematen dute, eta gero, surrealista bihurtzen dira. Beste asko surrealistak dira zuzenean. Nolabait, bi disko horiekin Barrett ezagutzen dugula pentsa dezakegu, nahiz eta, ziur aski, inork ez zuen erabat ondo ezagutu. Gaur egun ere, «The Madcap Laughs» eta «Barrett» entzun ditzakegu plazer handiz. THE SLITS – Neska Arruntak Filosofoen arabera, ez dago argi patuak bizitza gidatzen digun ala borondate librea dugun. Batzuen iritziz, jaio baino lehen dena erabakita dugu; besteren esanetan, aldiz, bizitzaren bideak guk geuk aukeratzen ditugu. Auskalo, ez gara ziur egongo. Baina argi eta garbi dago pertsona eta erakunde batzuek moldekatu egin nahi gaituztela, horretan ez dago zalantzarik. Eta baita enpresa askok ere. Marketinaz baliatuta, sailkatu egiten gaituzte, produktuak errazago saltzeko, haiek esaten duten bezala, guri merkantzia hobeto «sartzeko». Sail horietan handienetako bat emakumezkoak dira: marketinak –beharbada gizarte osoak bezala– gizonak baino azkarrago sailkatzen ditu emakumeak. Pribilegio hori ospatzeko, The Slits taldeak «Typical girls» eman zigun 1979an. Publizitateak emakumeei buruz erabiltzen dituen topiko batzuk aipatzen dizkigute abestian. Neska arruntak azkarregi haserretu ohi dira Neska arruntak ez dira euren burua kontrolatzeko gai Neska arruntak erraz bereizten dira Neska arruntak ez ohi dute argi pentsatzen Neska arrunt guztiak aurreikusteko modukoak izaten dira Neska arruntek aldizkariak erosi ohi dituzte Ez dira gai erabakitzeko zer arropa jantzi Neska arruntak sentiberak izan ohi dira Neska arruntak hunkiberak izan ohi dira Neska arruntak ankerrak eta sorginak izaten dira Bera femme fatale bat da Neska arruntek senarrari lagundu ohi diote Nork asmatu zuen neska arrunta? Nork aterako du bertsio berria eta hobetua? Hori beste marketin-taktika bat da Neska arruntak mutil arrunta lortzen du Neska arruntak mutil arrunta lortzen du Mutil arruntak neska arrunta lortzen du The Slits-en taldea, salbuespen batekin, emakumeez osatuta zegoenez gero, abestiaren ironia eta gizartearen kritika berehala ulertzen ziren. Taldearen izena ere lagungarria zen haien jarrera ulertzeko: «slits» hitzak zirritu esan nahi du ingelesez, hau da… Hara, badakizue. Ordura arte, oso emakume gutxi zebilen rock-musikan, abeslari batzuk kenduta. Punkaren askatasunak eta feminismoak egoera hori aldatzen lagundu zuten. Hala ere, gaur egun ere emakume gutxi dabiltza rock-musikan, eta haiek ere, sarritan, betiko topikoak entzun behar dituzte. (Anari Euskal Herriko PJ Harvey al da? Horrela sailkatu izan dute da emakumezko gitarra-jotzailea delako, besterik ez. Kazetaritza alferra da hori). Nahiz eta The Slits punkaren lehen uneetako taldea izan, eta 1977an The Clash-ekin «White Riot» bira egin, 1979ra arte ez zuen «Cut» LPa plazaratu. Letretan bezala, punkaren askatasuna musikan ere nabari da. Ez dago gitarra zaratatsurik, ezta rock-erritmorik. Reggaearen eragina entzuten da baterian, Viv Albertine-k oso gitarra estilo originala du, eta Ari Up-en ahotsa bakarra da munduan. «Cut» argitaratu ondoren, musika gero eta esperimentalagoa egin zuen taldeak, eta pare bat album gehiago atera ondoren, 1982an The Slits desagertu egin zen. Baina gauzak zer diren, gizakiok nolakoak garen... taldea berriro bildu zen 2006an, eta 2009an disko berri bat plazaratu: «Trapped Animals». THE JAM – Metro Geltokian Gauerdian Urrun dauden trenetan sartzen ari diren urrutiko ahotsen oihartzuna: trenek etxera eramango dituzte, ahotsek maite dituztenengana, ahotsak betiko maiteko dituztenengana. Eskailera beiraztatuek eta zikinek nire urratsak errepikatu, eta nire pentsamenduak islatzen dituzte, hotz eta babesgabe, ia biluzik daude, goxoki-paperak eta goizeko egunkaria izan ezik. Kotxe batek Jones jauna harrapatu du, heriotza eta tristeziaren titularrek biharko albisteak zabaltzen dituzte, eroak kaleetan zehar. Eta metro-geltokian nago, gauerdian. Diru xehe bila sakelan, eta Erregina atera dut, irribarrez, limurtzaile. Dirua sartu dut, eta nire atzetik sari bat atera da. Zurrumurruak itzaletan, ahots latzak, garrasika; nire zain, gorroto bizian. «Aizu, mutil!», oihu egin didate, «dirurik bai?» Eta nik: ”Diru pixka bat badut, eta etxera eramateko curry bat, etxera noa, emaztearengana, mahaia prestatzen ari da, nire zain dago, badakizue, edalontziei distira atera eta botilari kortxoa kendu”. Eta metro-geltokian nago, gauerdian. Lehenbizi, ukabil bat sentitu nuen, eta gero, ostikada; ondoren, haien arnasa usain nezakeen. Taberna-usaina zuten, eta kartzelarena, eta eskuin muturreko mitin gehiegi jaso dutenena. Bizitzak nire inguruan igeri egin zuen, begirada bat bota nuen, eta bizitzan beran ito egin nintzen. Larru marroiaren usainak eguraldiarekin bat egin zuen; nire begiak, belarriak, sudurra eta ahoa bete zituen: orduan jada, ezin nuen ikusi, entzun, hitz egin... Eta metro-geltokian nago, gauerdian. Han, lur gainean etzanda, ero ateo batek egindako pintada izan zen ikusi nuen azken gauza: «Jesusek salbatzen gaitu». Eta British Rail-ek afixa batek honela zioen: «Egin ihesaldi bat egin, eta opor-egun merke batekin gozatu gaur bertan!» Nire bizitza gogoratu nuen, eta emaztea ere bai, nire giltzak hartu zituztelako ni naizela pentsatuko du, eta ardoa indarrik gabe egongo da, eta currya hotz. Eta metro-geltokian nago, gauerdian. Ez dut metro-geltokira joan nahi, gauerdian. MANCHESTER 1983-86 Haçienda Duela 33 urte, orain bezala, Manchester izugarri hiri itsusia zen: zatarra, iluna, goibela. Hori bai, musikazale izanez gero, oso hiri interesgarria zen bizitzeko. Punkaren ondoren, Ingalaterrako hiririk bizienetakoa zen. Buzzcocks-ek punk erromantikoa eta zapuztua eman zigun; The Fall-ek, berriz, musika gordina, eta Mark E. Smiths-en ahots arraro eta hipnotikoa. Eta Joy Division-en iluntasunak alaitu gintuen; gutako batzuk, bederen. The Buzzcocks Nire herri txikitik filologia ikastera joan nintzen. Baina, munduko musikaren hiriburutzat genuen hura, eta, poesia baino, musika modernoa ikasi nuen. Osaba Lou-k abesten zuen bezala, olerkari guztiek bertso-arauak ikasten zituzten, eta emakumeek begi-keinuak egiten zituzten… Egia esan, bertso-arauak bai, horiek ikasi nituen; baina emakumeek ez zidaten begi-keinurik egin. Tira, ez asko. Nire luxuzko bizimodua ordaintzeko, Haçienda Klubean lan egin behar izan nuen zerbitzari. Nahiz eta lan arrunta izan, abantaila pare bat zeuzkan: edozein kontzertu dohainik ikustea, eta jende asko ezagutzea, eta horien, artean musikari ugari. Joy Division Musika-taldeen aldean, klubak oso garrantzitsuak ziren garai hartan. Klubik garrantzitsuena Haçienda zen. Factory Records-ek ireki zuen Haçienda 1982n. Izena Huxley-ren liburu batetik atera zuten; drogekin harreman handia zuen hautaketa hark. Behin baino gehiagotan Karl Burns, The Fall eta PIL taldeen bateria-jotzailea, etorri zitzaidan substantzia bereziak saldu nahian. Baina, batetik, ez neukan interesik –garagardoarekin nahikoa izaten nuen–, eta, bestetik, banekien substantzia horiek sukaldea garbitzeko hautsekin nahasten zituela. Baina Haçienda-ren ideia nagusia musika eta modernitatea bultzatzea zen, non eta Manchesterren, hiri handi, itsusi eta industrial hartan. Orduan, langabezia zen hiriko enpresabururik handiena, eta Haçienda lantegi ohi batean ezarri zuten. Ederra zen: bikaina, industriala, handia. 19 urterekin den-dena posible da. Ez dago zalantzarik, edo, zalantzarik baldin badago, zalantzak berez zalantzatiak dira eta erraz gaindi ditzakegu. Dirua irabazi behar nuen, eta horregatik lan egiten nuen Haçienda-n. Baina ordu asko egin behar izan nituen diru hori irabazteko. Originaltasunari ihesi, beti bezala, eta akats berri baten atarian, berriro ere, klub berri bat irekitzea erabaki nuen. Lokala aurkitu nuen, erdigunean, eta, printzipioz, astean behin erabiltzeko akordio bat egin nuen jabearekin. Baina banekien, arrakasta lortzeko, oso kontzertu on batekin ireki behar nuela kluba. Nola lortuko nuen taldea? Galde eginez lortuko nuen, jakina. Bestela, ez nuen kluba irekiko, ez horixe. The Smiths-en lehenengo diskoa, «Hand in Glove», atera berria zen, eta taldekideak bistaz ezagutzen nituen, Haçienda-tik, noski. Abestia izugarri ederra, erromatikoa eta misterioz betea iruditzen zitzaidan. Beraz, gau batean, Morrissey-ri hurbildu nintzaion, eta esan nion The Smiths oso talde ona iruditzen zitzaidala. Gure Stephen-ek erantzun zidan berari ere oso talde ona iruditzen zitzaiola. Barre egin, konfiantza osoa istant batean galdu, eta hanka egin nuen. Ezin nuen kluba The Smiths-ekin ireki, eta, gainera, talde ospetsu bihurtu zen handik oso gutxira. Ezin nuen gehiago itxaron, ez nuen lokalaren jabearekin akordioa galdu nahi. Mark E. Smith-ekin hitz egingo nuela erabaki nuen. Haçienda-ren lurpeko tabernan (The Gay Traitor, Anthony Blunt espioiaren omenez) hurbildu nintzaion. «Momentu bat», esan zidan, eta beste bi gazterekin hitz egiten jarraitu zuen. Bistaz ezagutzen nituen. The Happy Monday anaiak ziren. Beti urduri zeuden, eta egun hartan, ohi baino urduriago. Mark E. Smith-ek musikan hasteko delinkuentzian aritu behar zutela azaldu zien; bestela, diruarena ezinezkoa izango zela. Nolabait esatearren, gaia pribatua iruditu zitzaidan, eta, berriro ere, alde egin nuen. Azken aukera bat neukan. Big Flame taldeko Dil lagun nuen, eta baiezkoa eman zidan, eta eskerrak... ala ez. Hogeita bost lagun geunden klubean astearte hotz hartan, eta, noski, ez nuen nahi nuen arrakasta lortu. Beste bi gauez ireki nuen, eta, azkenik, nire diru guztia galdu baino lehen, beharrezko erabakia hartu nuen. 19 urterekin ere, batzuetan, den-dena ez da posible. Big Flame Handik aste batera, The Gay Traitor-era joan nintzen lagun pare batekin. Gutaz gain, Karl Burns, nola ez, eta New Order taldeko Peter Hook zeuden. Hook-ek gu bertan lotzea iradoki zuen: taberna ez zen asteazkenean irekitzen, eta, ondorioz, bi egun pasatuko genituen han behean. A ze umorea! Baina, osaba Lou-k abesten zuen bezala, ezin zenuen zerbaitetan parte hartu eta gero parte-hartze hori gorroto izan. GANG OF FOUR – Armada Erabilgarria Da Terrorismoa arazo larria izan da, eta izaten ari da lurralde askotan. Milaka pertsona hil dira, horren ondorioz, eta ulergarria da, hortaz, hedabideetan albiste garrantzitsua izatea. Urtero, gizonek milaka emakume hiltzen dituzte etxean. Bortizkeria matxistak terrorismoak baino askoz pertsona gehiago hiltzen ditu; baina, antza, berri hori ez da terrorismoarena bezain erakargarria, ez ditu hainbeste egunkari salarazten. Hiltzaile matxista horiek ez dira bat-batean erotzen, kontu zahar eta sakona da haien maltzurkeria. Gizartean, oro har, arrunta da emakumeen gutxiagotasuna onartzea, baita hura sustatzea ere. Aldi berean, gizonen indarkeria, onartu ez ezik, askotan miretsi ere egiten da. Gang of Four taldeak gai horri buruzko abesti batzuk eman zizkigun, eta horien artean, 1981eko «He’d send in the army» (Armada bidaliko luke). Familiaburuak aginduak ematen ditu, Azkenean, esaten duena da bete beharrekoa Sistema hau ondo eraikita dago Emaztea denarengatik dago harekin zorretan Armada erabilgarria da Gizartea ezinegonean dagoenean Kaixo, mutilak, borrokarik bai? Aizue, mutilak, borrokarik bai? Kideekin elkartu Elkarrekin duzuen etsaiaren aurka Soldadu soila ez da horrelakoa Armek betetzen dute haren denbora guztia Lanik gabe gaizki egongo litzateke Borroka nahi zuen, eta sortu egiten du Emazteak logelan ordaintzen dio Haren nagusiarengandik maila bat beherago dago Aginduak bete ala zigorra jaso Gizona nagusien aginduak betetzen dituen bezala Gang of Four taldea Ingalaterra iparraldeko Leeds-en sortu zen 1977an. Musikarekin zein letrekin, taldearen ideia nagusia gauza guztiak zalantzan jartzea zen. Taldearen musikak ez zion inoren ildoari jarraitu, eta Gang of Four-ren lehenengo bi albumak originaltasun handikoak dira. Izugarrizko talde zaratatsua izan zen. Funk erritmoa punkaren indarrarekin eta rock gitarrekin nahasten zuten. Hala ere, Andy Gill gitarra-jotzailea ez zen rock-musikaren topikoetan erori. eta bere solo asko «aurka-soloak» izan ziren: isiltasuna. Letrei dagokienez, politikaren gertuko gaiak landu zituzten, hau da, egunero gertatu ahal zaizkigun egoerak edota emozioak: langabezia («Paralysed»), amodioa («Damaged Goods»), arrotz sentitzea («At Home He's a Tourist»)... WIRE – Do, Re Eta Mi Saihestuz, Bluesak Nota Horietan Jotzen Dira Eta 1976tik, Wire-k jarraitzaileen gozamena, hedabideetan nahasmena eta kritiketan porrota sortu ditu. Ziurrenik ez da existitzen, musikaren arloan, hainbeste garatu den eta garapen hori hain luzaroan egin duen beste talderik. Eta oraindik ere, lehenengo diskoaren abesteak (adib. «Pink Flag», 1977) zein azkenarenak («Change Becomes Us», 2013) kontzertu zoragarritan jotzen dituzte. Graham Lewis eta Colin Newman-ekin hitz egin nuen Donostiako Jazzaldia astebete baino lehen. Aritz Branton: Wire-k entzuleengan erreakzio zehatz bat sorrarazi nahi du? Lou Reed-ek esan zuen barrea eragitea behintzat espero zuela. Wire-k zertarako balio du egun txar batean, eta egun handi batean? GL: Egun txar batean, zeru grisa dugun egun batean, espero dut filtro hori bat jarri eta ikuspuntu ezberdin bat eman dezakegula. Egun on batean… «I feel mysterious today, everything is humming loudly!» (gaur misteriotsu sentitzen naiz, eta guziak burrunba egiten du!) CN: Ahalegin handia egiten dugu nostalgia-talde bat ez izateko; gaur egungo egitasmo artistikoa izateak eta garaikideak izateak harro sentiarazten gaitu. AB: Ideiak nondik etortzen zaizkizue? Nondik datorkizue «hari hori»? GL: Inspirazioa ausazko aurkikuntzetatik edota aurkikuntza txikietatik etor daiteke… Jakin-minak eta jarrera irekia izateak ere harrera-bide ezin hobeak dira inspirazioarentzat. CN: Inspirazioa? Nork daki zer den hori. Niretzat, hobe da horren gainean ezer gutxi hausnartzea! AB: Zuen abestien abiapuntua zerbait fisikoa da ala konposizioek hori baino oinarri kontzeptualagoa dute? Esaterako, osagai batzuk erabili nahi dituzue abestia idatzi aurretik? CN: Nik ez dut inoiz horrela pentsatzen. Niretzat, konposatzea halako «garunik gabeko» senezko ekintza bat da. Egin baino lehen ez dut pentsatzen, eta egin ondoren ere, ezer gutxi. Oso azkar konposatzen dut, ordea, eta, beharrik izan ezean, ez dut ezer idazten! Letrak idazten ditut (normalean, Graham-enak izaten dira), eta aurrera! Ez dugu gauza horien gainean hitz egiten. Gustu anitzak ditugu taldean, baina estetika batekin bat gatoz, nahiz eta hori zabal samarra izan! AB: Hasieran, Wire taldea Pink Floyd punki bat zela esaten zen, eta zuen lehenengo diskoari «Pink Flag» izenburua jarri zenioten. Izen horrekin, musika-mundu britainiarrean dauden aurreiritziak eta handikeria pikutara bidali nahi zenituzten? GL: Guk musikaren bidez artea bultzatu nahi genuen, eta hedabide britainiarretan hori ez ziguten barkatu. Haien pedantekeria ezjakintasunean eta harrokeria tuntunean oinarritzen zen; baina guretzat hori ez zen ezustekoa izan, arte-eskolak erantzun horri aurre egiteko prestatu ninduen aspaldi. CN: Ez da inoiz erraza izan Wire kutxa batean sartzea. Hasieran argiegiak ginela ere esaten zuten! Baina, azken urteotan, harrera on samarra izan dugu Britainian. AB: Donostiako Jazzaldian joko duzue, ziur aski inork jazz egiten duzuenik pentsatzen ez duen arren. Wire duela ia berrogei urte sortu zenuten arren, oraindik ondo pasatzen duzue zuzenekoetan? Ala konposatzea eta grabatzea interesgarriagoa egiten zaizue? GL: Wire-rekin hasi ginenean, batzuek jazz-jotzaileak ginela esaten zuten! Nik ondo hartu nuen. Gure jarrerari bat zetorren, eta gure idazteko eta moldaketak egiteko modu abstraktuarekin ere bat egiten zuen. Zuzenean jotzearen alde fisikoa eta askatasuna maite ditut... Terapeutikoa da oso! CN: Zuzenean jotzeak eta grabatzeak alde dibertigarriak eta alde serioak dituzte. Uste dut zuzeneko nahiko talde ona garela, eta guretzat zuzenean jotzea oso garrantzitsua da. AB: Birak egitean, bisitatzen dituzuen herrialdeen hizkuntzak ez jakitea eta hango kulturak ez ezagutzea akuilu izaten da inoiz? GL: Gauzak gaizki entzutea edo gorputz-hizkuntza irakurtzeko aukerarik baino ez izatea dibertigarria izan daiteke... Jendearen joan-etorriak ikustea asko gustatzen zait! CN: Ez dut uste inork espero duenik guk hango hizkuntzan abestuko dugunik, eta ez dut uste haren hizkuntzako kultura bakarrik nahi duen inork guregan interesa duenik. Ziurrenik, kulturaren definizio estua dutenek ez dute gugan inongo interesik. Tokion adibidez, entzuleek egiten duguna “ulertzen” dutela iruditzen zait beti, baina gehienek ez dute ingelesez tutik ere ulertzen! AB: Kontzertuen abesti-zerrendak ezarritako irizpideen arabera egiten dira, ala erabakiak modu intuitiboan hartzen dituzue? GL: Wire-n prozesua bera oso intuitiboa da. Abesti-zerrendak kontzertu dinamikoak osatzeko prestatzen ditugu. Normalean, grabatu gabe dagoen lan berria jotzen dugu, azken diskoan dauden abesti batzuk, eta, gero, abesti zaharrak, berrinterpretatzen ditugunak, dugun soinu-norabidearekin bat egingo dutelakoan... Jazzaren antza ez al du horrek? CN: Garatzen dugun oinarrizko abesti-zerrenda bat badugu, baita beste abesti asko ere, eta azken horiek ere jotzen ditugu kontzertu fresko eta interesgarriak egiteko. Emanaldiak hobetzen dituzte! AB: Wire-rekin ez dago jakiterik, baina zer espero dezakegu? CN: Gure hurrengo ekintza «Document & Eyewitness» diskoa birplazaratzea izango da, abuztuan. Eta abenduan ere, gure «DRILL FESTIVAL» egingo dugu Britainiako hiri batean. Oraintxe bertan ezin dizut gehiago esan. 2015eko apirilean Wire-n disko berria aterako da, grabaketa nagusia egin dugu; baina hilabete batzuk beharko ditugu ekoizpenerako. AB: «Do, re eta mi saihestuz, bluesak nota horietan jotzen dira eta.» Wire-k gauza batzuk saihesten ditu haren musikan edo letretan, edota gauza batzuk bere buruari debekatzen al dizkio? GL: Bai, geroz eta gauza gehiago ez dira Wire-ren lanetan agertzen. Metafora berrien ehiza bukaezina da, eta topikoak birziklatzea kontu zintzoa eta beharrezkoa da pop-musikan! «Lowdown» taldearentzat idatzi nuen lehenengo testua izan zen, eta, nahi gabe, manifestu moduko bihurtu zen. Aipu hori Atik Bra joateko ibilbiderik laburrenaz aritzen da. Gure kasuan, Wire-n musika egiten hasi ginen rock’n’roll eta blues musiken egiturak eta jarrerak batere hartu gabe. Wire-k Jazzaldian eskainitako kontzertua bizia, zaratatsua, anitza eta aurreikus ezina izan zen (oso abesti ezagun gutxi jo zituzten) eta, horrelako gehiago nahi ditugu, jazza izan ala ez. WIRE – Zaharrak Berri Mundua amaitzear dago. Kongon, Libian, Sudanen, Afganistanen, besteak beste, gerrek herritarrak hiltzen, bortxatzen eta mutilatzen dituzte, baita herrialdeak suntsitu ere. Alabaina, gatazka horiek hedabideetan gutxitan agertzen dira, lehenengo unearen zirrara, berritasunaren emozioa behin desagertuta. Zoritxarrez, mundua amaitzear egon da beti. Wire taldeak «Reuters» abestia idatzi zuenean, 1977an –punkaren unerik beroenean– Etiopian, Guatemalan, Ekialdeko Timorren, eta, nola ez, Kongon gerran zeuden. Abestiaren izenburua berri-agentzia ospetsuenaren izenetik dator: Reuters, alegia. Tamalez, gure berriemaileak hitz egin behar digu garai ezegonkor bati buruz, dena ez dago ondo ... Mugimenduak daude mugetan Arazoak daude mendietan Janaria eskasa da, delituak bikoiztuak dira Gobernua erortzean, prezioak igo egin dira Zauritu kopurua handitzen da etsaiek bonbardatu ahala Giroa osasungaitza da, euliak eta arratoiak ugaritu dira Eta, lehenago edo beranduago, amaiera iritsiko da Hemen zuen berriemailea, zinta amaitzear duela, Gero eta tiro gehiago entzuten ari dira, arpilaketak, sua, bortxaketak... (Oharra: garai hartan, zintak erabiltzen ziren elkarrizketak eta berriak grabatzeko, gaur txipak erabiltzen diren bezala.) Wire punkaren aitzindarietako bat izan zen. Eta, oraindik ere, talde aitzindaria da, nahiz eta punkaz ahaztu zen. Hara! Eta noiz? 1978tik aurrera? Baina punkaren iraunkortasunari buruz, beste batean hitz egingo dugu. Taldea 1976an sortu zen Londonen. Hasieratik ikusten zen Wire ez zela edozein punk-talde. Haien abestiak laburrak ziren, bai. Lehenengo diskoan, «Pink Flag», 21 abesti daude. Gitarren hotsak indartsuak ziren, bai. Erritmo gehienak azkarrak ziren, bai. Baina disko horretan, ezusteko batzuk ere bazeuden. Esaterako, letra gehienak –«Reuters» ez bezala– enigmatikoak ziren. Erritmo batzuk exotikoak egiten zitzaizkigun, esaterako: «Three Girl Rhumba» eta «Brazil». Abesti batzuk ez ziren azkarrak, «Lowdown» eta «Strange», kasu. «Mr. Suit» abestiak «ohiko» punkari parodia egiten zion... Talde minimalista izan zen garai hartan, batez ere, eta isiluneak uztea ez zen punkaren ezaugarririk handienetako bat. «Pink Flag» disko izugarri ona da, eta hurrengo biak are hobeak dira: «Chairs Missing» eta «154». Punkaren topikoetatik urruntzen ziren disko horietan, eta, indarra galdu gabe, bide berriak urratzen zituen Wire-k: musika esperimentala, elektronikoa, erritmo aldakorrak, popa, «grunge» musika Nirvanak asmatu baino 15 urte lehenago («Too Late»). «154» plazaratu ondoren, taldeak zortzi urteko eten bat egin zuen. 1987an itzuli zen, «The Ideal Copy» diskoarekin. Orduz geroztik, beste zortzi album eman dizkigu, eta bakoitzak bere ezaugarri bereziak dauzka. Ez dute formula bat bakarrik erabiltzen, eta gaur egun ere, talde berritzailea da. Gaur egun ere, Wire-n kontzertuak bereziki kementsuak izaten dira.
DABILEN HARRIAK OROLDIORIK EZ Felipe Juaristi 1 Bizitzak ez du zentzurik bera bizitzen ez bada. Eta bizitzen den bizitzak, edo, bestela esanda, bizitzen dela sentitzen den bizitzak ez du zentzurik arrastorik uzten ez badu. Nola adierazi bestela bizi izan dela, bizi izan garela, bizi izan dugula? Ramiro Pinillak Las ciegas hormigas eleberrian zinaurrien eta gizakien bizitzak alderik alde jartzen ditu. Zinaurriek aurrean jartzen zaizkien oztopo guztiak gainditzen dituzte; gizakiek ere bai. Zinaurriek, beren etxea suntsituz gero, beste bat eraikitzen dute; gizakiek ere bai. Dena da den bezalakoa, alegia izan behar duen bezalakoa. Bizitza bizi dute, sentimendua sentitzen dute, argiak argitzen ditu, ilunak iluntzen. Galdera gehiegi egin gabe. Zergatik?, zertarako? Galdu egiten dira bizitzaren uholdeak itsasora eramanak. Besterik gabe egiten diren gauzak dira. Bizi denak badaki dabilen harriari ez zaiola oroldiorik itsasten, geldi dagoenari baizik. Aristotelesek Etican utzi zigun besterik gabeko horren formulazioa, besterik gabe horren indar bultzatzailea bilatuz. Javier Agirrek egindako itzulpenetik hartzen dut testu hau “Ikusten duenak ikusten duela hautematen badu, eta entzuten duenak, entzuten duela, eta ibiltzen denak, ibiltzen dela, eta berdin, gainerako kasuetan ere jarduten dugula hautematen den zerbait badago, beraz, hautematen dugunean, hautematen ari garela hautematen dugu eta pentsatzen dugunean, pentsatzen ari garela, eta hautematen ari garela eta pentsatzen ari garela hautematea, bagarela hautematea da (existitzea hautematea eta pentsatzea baitzen), eta bizi garela hautemate berez atsegina bada (bizitza berez ona baita, eta gure baitan ongi bat dagoela hautematea atsegina da), eta bizitza nahigarria bada, eta gehienbat onak direnentzat –haientzat izatea ona eta atsegina baita– (ona berez denaz kontzienteak direnak gozatzen baitira); eta gizaki bertutetsuak bere buruarekiko duen egoera adiskidearekiko ere badu (adiskidea beste ni bat baita), orduan izatea bera bakoitzarentzat nahigarria den modu berean, horrelakoa izango da adiskidearena ere, edo antzekoa”. Ez dakit Patxi López de Tejada ados egongo ote den Aristotelesekin. “Bizitza daukanak dena dauka”, esaten digu liburu honetako aforismo batean. Bizitza daukanak ez-dena ere badauka. Ez-bizitza, izan ere, bizitza ere bada, bizitzaz honatago dagoen eta haratago ere zabaltzen den bizitza baita. Labur esanda, bizitzak dena eta ez-dena hartzen ditu bere baitan. Poetek konturik arruntenak ere bereizteko gaitasuna dute. Rilkek idatzi zuen: “Mirari eder bat gertatu da munduan. Hala eta guztiz ere, sentitzen dut: bizitza osoa bizitzeko da”. Baina Rilkek harreman berezia zeukan bizitzarekin. “Heriotza bizitzaren bazter alderdia da eta guk ez argitua”, idatzi zion Polonian lanak argitaratu zizkion lagun bati. “Bizitza heriotzarekiko esposizioa besterik ez da”, idazten du Patxi López de Tejadak liburu honetan. Bizitza osoa bizitzeko da baina, normalean, berandu konturatzen gara horretaz, bizitza joan denean bere bidetik, eta iritsiak garenean puntu batera non etena ikusten dugun, emakume jostariak urradura edo haustura ikusten duen bezala, higatutako soinekoan. “Heriotza guztiak alferrikakoak izan dira, heriotza guztiak beharrezkoak izan dira gu hemen izateko”, da Patxi López de Tejadaren baieztapena, ezezkoan ere. Baina benetan eta benaz gogoeta egiten hasita pentsa dezakegu heriotza bizitzaren ifrentzua dela, edo, pentsatu nahi ez izanez gero, bizitzaren amaiera-puntua. Heriotza ez da ez-bizitza. Ez-bizitza beste zerbait da. Bizitza bizi duenak badaki, heriotza ispiluaren beste aldea baino ez dela, ikusezina, baina gure zentzumenek harrapatzen erraza. “Ikusezinaren erleak”, deitzen zien Rilkek, bizitzan zehar heriotzara bidean ematen ziren pausuei: bizi-arrastoei, hain zuzen. Bizi gara, askotan, heriotzaz pentsatu gabe; baina, heriotza gure esistentziaren kale kantoian dugu, bizitzaren mugan, atezuan eta zelatari. “Dena esperientzia berezi bihurtu nahi izatea bizitza galtzeko biderik errazena da”, Patxi López de Tejadaren arabera. Esperientzia, izan ere, denborak erein duen uzta da, itxaronaldiaren fruitua, berez etortzen dena, sorreratik landuz gero. Bizitzak helburu bat duela erakusten du: zelai bat belar joriz janztea, edo fruitu arbola bat igaliz betetzea, edo emakume bat haurrez aberastea. Esperientzia domina bat da, general batek erakuts lezakeen horietakoa; baina bizitza beste zerbait da. Ez du ezer behar, bizitza bera baino. 2 Bizitzaren arrastoa mila modutan utz daiteke, lurrean ez bada, bestelako guneetan. “Uretan idaztea”, esaldiak iraun ezin dezakeen zerbait idaztea adierazten du. Uretan idatz daiteke, baina urak, bare edo haserre, idatzitakoa oro eramaten du berarekin. Halakoxeak dira zenbait pentsamendu, burura etorri ahala hiltzen dira, idatziak edo esanak izateko aukera handirik gabe. Baina ezin bizi pentsamendurik gabe, edo, hobeto esanda, ezin bizi pentsamendua adierazi gabe. Guri, kristau tradizioko euskaldunoi, sinestun izan ala ez, txiki-txikitatik, barnean gorde behar den egia balitz bezala, esan zaigu sormen ekintza oro hizkuntzaren ekintza dela: hitzaren eraikina. Esatea sortzea da, esatea adieraztea den bezala. Eta gizon-emakumeok egoera ezberdinak adierazten ditugu: bedeinkatzen eta onesten dugu on egiten diguna; madarikatzen eta gutxiesten gaitz egiten diguna; baimentzen dugu edo debekatzen, onerako edo txarrerako dela uste duguna; baieztatzen edo ezeztatzen dugu, egoera baten mesede edo kalteak aipatzen zaizkigunean. Hitzak egia esateko, argitzeko, azaltzeko balio duen bezala, erabil daiteke bera egia ezkutatzeko, gezurra esateko: uretan idazteko. Gezurraren tornua ere bada hitza. Idaztea ordea ez da uretan edo airean edo elurretan idaztea, Gandiagak egin zuen bezala. Idaztea gerorako arrastoak uztea da. “Egia esatea bezain garrantzitsua da hitz egokiekin esatea”, Patxi López de Tejadaren esaldia da, eta horrek beste alor batera ekartzen gaitu, estiloarenera. Idaztea ariketa estetikoa ere bada. Hitzak liluratzen gaitu eta bizitzaren zati handi bat hizketan pasatzen dugu, edo burura etorritakoa idatziz, idazteko gogoa baldin badugu, gero eta jarrera ez ohikoagoa, dena dela eta dena esan behar bada. Aforismoa da hitz egoki eta neurtuekin egia esateko ahalegina. Antzinako greziarren artean sortua, artearen edo zientziaren maisutza eta jakituria adierazteko laburpentzat jotzen zen orduko garai hartan. Hipokratesi zor dizkiogu lehen aforismoak, aforismo gisa sailkatutakoak esan nahi dut, euskaraz Juan Kruz Igerabidek itzuliak. “Luzea da artea, laburra bizitza”, esaterako. Bere laburrean gogoaren luzamendurako aukera ematen digu. Senekak berak esaldi hori hartu zuen abiapuntutzat Bizitzaren laburtasunaz idazteko. Imanol Unzurrunzagaren itzulpenetik testu hau hartu dut: “Hilkorren artean gehiengoa, o Paulino, Naturaren okerraz da kexu, hain aldi laburrerako sortarazi gaituelako eta eman zaigun aldigune hau hain arin, hain laster igarotzen baita non, gutxi batzuk salbu, gainontzekoak bizitzeko prestatze garaian, bizitzak berak baztertzen dituen. Eta ustez orokorra den gaitz honengatik, ez da soilik jentilaje zarpaila edota herri xume axolagabea intzirika ibili dena; gizon argitsuen kexuak ere sortarazi ditu sentipen honek. Hortik dator medikuen printzearen oihu esanguratsua: "Bizitza laburra da, artea luze" Bizitza laburra bada, zertarako luzakerietan galdu? Erdi Aroan eta Errenazimendu garaian hitz laburra nagusi izan zen, hitz lau eta luzearen aldean. Erakusbidetzat hartua izan zen, moralaren akuilutzat, eta horrek eman zion aforismoari oraindik duen sen didaktikoa. Aforismoa, geroztik, moralaren babesle eta haren itsu-mutila da. Morala eta moralkeria bereiztu behar dira, honaino iritsiak garenez gero. Nietzschek aforismoa erabili zuen, bere ideiak zabaltzeko, eta orduko morala egurtu eta astintzeko. Baina horrek ez du esan nahi bera amorala edo inmorala zenik, beste moral klase batekoa baizik. Eta munduan inor balego amoral edo inmoral denik, edo amoral edo inmoraltzat hartua izan daitekeenik, moralaren zentzu estu, irmo eta itxia zabaldua delako da. Patxi López de Tejadaren aforismo hauek ez dute galderarik egiten. Erantzunak ematen dituzte. “Heriotzak bakarrik askatzen gaitu oroimenaren esklabotasun gozoetatik”, irakurtzen da liburu honetan, eta arrazoi ote duen ala ez pentsatzen jarri gabe, esan behar da bere horretan borobila dela esaldia, esan gabe esaten baitu, edo esan nahi gabe ia. Edo beste hau, oso esanguratsua da. Aforismoaren iturri klasikoetara bultzatzen gaitu. “Zoriontsu hura bizitza amaitutakoan zera esan dezakeena, gizakia izan naiz”. Edo Modernitatera, bestela, existentzialismoaren erro beretik hartzen duenez ondorengo esaldi honek indarra. “Modernitatearen erronkarik nabarmenena gizakia zergatik hein batean libre izatea lortu ondoren zoriontsuago ez den azaltzen saiatzea da”. Gizakia hiltzen dela zorionik gabe idatzi zuen Camusek, eta guk bere horretan dihardugu, gure bizitzaren arrastoak utzi nahian, gure ondoren etorriko direnek uler ditzaten, eta jakin dezaten, horrela, nor eta zer izan garen. ETENPUNTUAK 1.- Planetaren bildotsa kizkurtu besterik ez dugu egin hirurogei mendeetan zehar, eta orain nahasia eta malkarra dela diogu. 2.- Mundua geuregandik salbatzen duen bakarra nagiaren bedeinkazioa da. 3.- Ez dugu inoiz gure errealitatea eraikitzen bukatuko. Natura arerioa, baliabidea, tresna, plataforma, gaia da, baina desbideratzeko eta matxinatzeko joera du. Berrosatua bakarrik interesatzen zaigu, edo zatitua, isolatua. 4.- Bere jaioterritik bere munduko hiriburu egiten duenak nor den badaki. 5.- Denbora gehiegi igaro da. 6.- Arrezifeko fosilak lagako ditugu, ahaztutako itsasoak bezala. 7.- Txikiak bakarrik ohi dauka denboraren poderioz gu akabatzeko behar den engainatzeko gaitasuna. 8.- Dagoen erlijio beharrarekin erkatuz gero erlijio gutxi samar dago. 9.- Gure aroak orokorraren galera ekarri du, dena berezia omen da orain. 10.- Zein zaila den heleniarrak izatea, garai bakoitzeko giroan hondoratzen gara beti. 11.- Urrunera heldu arren, ozeanoa guretzat beti kanpoko espazioa izango da nolabait. 12.- Egia esatea bezain garrantzitsua da hitz egokiekin esatea. 13.- Bizitzako eskarmenturik bitxienetakoa dugu iragana nola aldatzen doan ikustea. 14.- Hondartzetan unibertsoaren historia osoa irudikatzen da, haren gailurra, komunioa eta mistika. 15.- Behar beste denbora ez ohi dugu inoiz izan. 16.- Kanposantuak dira errealetik geratzen den gutxienetakoa gure plastikozko mundu honetan; ez omen dugu oraindik gaurkotzen eta edulkoratzen asmatu. 17.- Emakumeek horrenbeste denbora ematen dute bizia sortzen eta besteak zaintzen ezen bizitza gehiago baloratu behar dute halabeharrez. 18.- Unibertso honek izan duen infekziorik arriskutsuena eta bortitzena gara, planeta honetan inkubatzen eta azken urteotan kanpoaldera barreiatzen hasteko zorian. 19.- Aitzakia aurkitu ohi dugu baliabideak ez genituelakoa, baina baliabideak gu ginen. 20.- Kontzientzia-zerra baten hortzak gara. 21.- Ez dakigu gure bizitzan zerk ireki zuen gure gogoa arlo batzuetan, zerk itxi zuen beste batzuetan. 22.- Gure iragana zuen etorkizuna da. 23.- Besteen joeren arrunkeria behatzea da mundua lagunkoia egiten diguna, hori izanik ere ziurtasun sentsazio faltsua elikatzen diguna. 24.- Ezin daiteke bat inon hobeto ezkutupean egon hilerri batean lurperaturik baino. 25.- Orotariko zenbaki bat esistitu behar da, infinitua ez den zenbaki zehatz bat, gure zenbaki guztiak barruan dauzkana. 26.- Gehiegizko kontsumo kultural eta artistikoak sentimena gogaitzen du, zakarrak egiten gaitu ezjakinen modura. 27.- Nonbait gure gorputzak gure arimak baino berezitasun gehiago zeuzkala sinetsi nahi genuen. 28.- Hizkuntzaren itsasotik konbentzioak birusen modura hedatzen dira. 29.- Azkeneko glaziazioak pagoak ekarri zizkigun, erromatarrek gaztainondo eta olibondoak, indianoek haritz amerikarrak eta palmerak. Eta guk… guk lekua egiten dugu datorren hurrengorako. 30.- Horren erraza da okertzea. 31.- Gudek hildako eta elbarri mordo bat besterik ez dituztela utzi aldarrikatu nahi dugu, baina egiatan dena laga digute, aurrera eginarazi eta baterarazi gaituen ia guztia. 32.- Zikinkeria mota berrien bila dihardugu jo eta su, ondoren garbitzeko erak asmatzeko beharra izateko beste arrazoirik gabe. 33.- Ideiak geneak bezalakoak dira, mutazioak izaten dituzte hizkuntzako gure kiribilean errepikatzean, batzuk onuragarriak, beste batzuk kaltegarriak, beste batzuk auskalo. 34.- Etorkizuna besterik ez duen norbait nahi duzuela? Umeengana edo alzheimer gaixoengana jo. 35.- Horrelako azal fina garatu badugu munduaren lazturen erdian, horren esangura maitatzeko izan daiteke soilik. 36.- Euskara egiatan desagertuko denean, beste arlo batean munduan bakarra izatea lortuko du, hileta-elizkizunik luzeena eta ehorzle zerrendarik anitzena izan duen hizkuntza izatea hain zuzen ere. 37.- Bakarrik egon nahi izateko baten batekin egon behar dugu. 38.- Zoriontasuna denbora gelditzea lortzean datza; pare bat aldiz erdiesten baldin badugu bizitzaldi oso batean zehar, batek zori eta patu onekoa dela esan dezake. 39.- Egiten dugun gehiena besteei zer kontatu izateko egiten dugula dirudi, hizkuntzazko eta artaldekeriazko gure mundu erreferentzialetik ihes egin ezinik. 40.- Denbora gehiago eskatzen du norberari gustatzen zaiona eta betetzen duena aurkitzeak eskuratzeak baino. 41.- Aurrerapen bat lortu ahal izateko eboluzioak indibiduoa hil egin behar du, eta berri baten genetan berrikuntza probatu. 42.- Oroimena galtzen duenak etorkizuna galtzen du. 43.- Norbera behar beste ona izan ez delako aitzakia ia beti egiazkoa da, ia beti faltsua da. 44.- Zahartzaroan pertsonak bizirik irauteko arrazoi bakarra hilda ez egotea dela ulertzen du. 45.- Mundu honek zerbait jakitearen ardura ematen digu denoi. 46.- Suaren eta elektrizitatearen menpe jarri dugu gure burua, eta haien patu bera pairatuko dugu. 47.- Espainia arrotza sentitzen da munduan aspalditik, Ingalaterrak aldiz mundua bere sentitzen du oraindik, baina ez harrotasunez, malenkoniaz baino. 48.- Itsasontziak abereak bezalakoak dira, bularra higituz hazten zaie eta joatean erabat desagertzen dira arrastorik utzi gabe, saiheski batzuk salbu akaso. 49.- Arrakastak edo porrotak ez dute ezer aldatzen izatearen izaeran, baina gure hautematea eragiten eta baldintzatzen dute. 50.- Bat atzerrian denean ere berean izateko ematen zaion aukera zibilizazioaren konbentziorik bitxi eta miresgarrienetakoa da. 51.- Historia da gure garaiko produktu bihurtzen gaituena. 52.- Belaunaldi bakoitzak iraganaren berri ona dakar besopean, eta belaunaldi bakoitzeko aurrelaririk nabarmenenek iragana elkarri igartzera ekiten diote jo eta su. 53.- Ilargia ez dabil gure atzetik, gu gara jarraitzen diogunak. 54.- Mundua ikasten dugu mundua irakurri ahal izateko, beste arrazoirik gabe. 55.- Bat libre da bere txokoetan errege sentitzen denean. 56.- Ez dago minak sendatzeko min handiagoak bezalako botikarik, arimakoak direnean batez ere. 57.- Dena idatzita dago dagoeneko, dena ahaztuta dago dagoeneko. 58.- Bizitzara iritsi garen guztiok hautatuak izan gara. 59.- Handia berez justifikatzen dela ematen du. 60.- Zezenaren begi-ninian bere errukirik gabeko bake itsua agertzen da. 61.- Ez dakigu horrenbeste indar zertarako dugun kolpeak jasotzen hasten garen arte. 62.- Irauten duenari jakinduriaren bat suposatu ohi diogu. 63.- Ez dizkiogu loari orduak lapurtzen, berak guri lapurtu nahi dizkigunei gatxezkie edo berreskuratzen ditugu. 64.- Zenbaitetan zaletasunetara jotzen dugu ziurtasunen bila aisialdian ere. 65.- Heriotzak etengabeko berreraikuntza prozesu batera behartzen gaitu. Ahanzturak ere bai. 66.- Europan gero eta biztanle gutxiago dagoela diote, baina gure bazterretan jendetza itzela dago beti. 67.- Geure gorputzak gurekin konspiratzen du gehienetan, beraz eritasuna traizio bezala besterik ezin dugu ulertu, eta ez bakarrik patuarena edo jainkoarena. 68.- Etorkizuna hiltzen da, iragana ez da hiltzen. 69.- Antzinako luxuak luxuzkoagoak ziren. 70.- Gure sekretuetan gure ergeltasunaren neurria dago. 71.- Hogeita hamar mila urte onartzeko gezur baten kontrakoak ez duela zertan egia izan. 72.- Bizitza amets bat dela arratsaldeengatik pentsa genezake bakarrik, ez goizengatik. 73.- Iluntasunik ez balego ez genuke argiarentzat hitz bat izango. 74.- Itsasoak dena freskatzen du. 75.- Batek hirira bizitzera joan nahi duenean, dena bertan dagoela uste du, badaki bertan egon delako, baina bat hiriko auzo batera ailegatzen denerako ez dago ezer bertan. 76.- Fededunak munduarekin ezkonduta daude. 77.- Gauean izatearen iturrietatik edaten jarraitzen dugu. 78.- Beste bizidunak gu baino urtetsuagoak balira ez legoke erlijiorik. 79.- Erbesteratuak berriro ikasi behar du bizitzen. 80.- Asmakizun bat benetan jeniala dela nabaritzen da harrigarria suertatzen denean beste bati lehenago bururatu ez izana. 81.- Hizkuntza tresna nagusia da ulertua ez izateko. 82.- Umeentzat ez dena ez da inorentzat. 83.- Horren barneratuta daukagu arroztasun sentipena ezen kanpoan bizitako denbora eta han izandako eskarmentuak era guztiz ezberdin batez gureganatzen eta gogoratzen ditugun, kanpotar baten begietatik –geureak badira ere- bizi izandakoak direlako. 84.- Isiltzen dena ahaztu egin ohi da. 85.- Kalkulatzea gizakiak egin duen benetako jenialitate bakarra da. 86.- Ez zaio haizeari oztopo egin behar. 87.- Libre izatea edozein gauza egin ahal izatea da, ez guztia egin ahal izatea. 88- Sare sozialek ideia berrien iraungitze data laburtu dute. 89.- Biblia irakurgai sakratutzat jotzen zen jendeak irakurtzen ez zekien garaietan. 90.- Estresa ez da ezer ez egiteaz edota erabateko atsedenaz sendatzen, eginbehar txikien segidaz baino, beti beldurtia den gure gogo sakonari bizitza erritmo mantsoago bat badagoela gogoratzen diona. 91.- Ilusiorik handiena solidoarena da. 92.- Atzera begira hamarkadak izan zuten baino nortasun gehiago bazutela dirudi. Tipikoaren distortsioa izango da, idealizazio mota arruntenetakoa. 93.- Ziurtasunarekin etorkizunaren oroitzapena galdu genuen. 94.- Zirkua bezalakoak gara, eta gure eszenatokia goazen leku guztietan muntatzen dugu 95.- Ia beti porrotera garamatzan geure buruaz funtsik gabeko ziurtasun bera da garaipenera eraman gaitzakeen gauza bakarra. 96.- Monumentuei gizasemeoi gertatzen zaigun gauza bera gertatzen zaie: jarduera nukleoengandik urrun hobeto kontserbatzen dira. 97.- Dena esperientzia berezi bihurtu nahi izatea bizitza galtzeko biderik errazena da. 98.- Antzinako grekoa eta latina egungo grekoa eta erromantzeak baino askoz ere perfektuagoak eta adierazkorragoak baziren, orduko gizarte eta inguruneak gureak baino sinpleagoak izanik, agian horrek hizkuntzak komunikazio tresna gisa herrien arima egitan islatzen duela frogatzen du, arima besterik ez. 99.- Keinu fisikoek era partzial eta zalantzazko batez adierazten gaituzte, baina ahotsak gure gogo osoa edukitzen du. 100.- Astelehenak gure zain daudela dirudi. 101.- Aurreko leku berberetara geure erabakiengatik itzultzen gara, ez inork ekartzen gaituelako, ezta inertziaz ere. 102.- Zenbat jendek ez ote ditu ametsak etorkizunean ahaztuta lagatzen. 103.- Hilezkortasunerako grinek ez diote ezer frogatzen bere inguruan urteetan beste batzuk erortzen ikusi dituenari, ez dute ezer azaltzen. 104.- Harrigarria dena ez da aspaldiko xehetasunak gogoratzeko ahalmena, gure mundua osatzen zuten gauzak ahazteko ahalmena baizik. 105.- Denak agortze zantzuak erakusten ditu, denak gaztetasun kimuak dauzka. 106.- Herrien balioak haien gauzekin ehortzita gelditzen dira. 107- Ez zizuela inork ezer galdetu? Inork ez zigun ezer galdetu gutako inori. 108.- Bakarrik handitzen gara, baina besteek txikiagotzen gaituzte. 109.- Etorkizun osoa ez datza oroitzapenetan. 110.- Umeek bakarrik dakite zenbat pisatzen duen kulturak. 111.- Batek, gailentzen denean, bere baldintza propioak sortzen ditu. Baldintzak ezartzen eta gogorarazten zaizkie bakarrik umeei eta oraindik nagusitu ez direnei. 112.- Mendiak sekretuak oihukatzeaz nekatuta daude. 113.- Modernitatean galduta gabiltza; etorri berriak garela nabaritzen da. 114.- Diseinuan okertzea materialetan okertzea baino larriagoa da. 115.- Euria etengabe egiteko, aldez aurretik eguzkiak itsasoko urak etengabe lurrindu behar izan du. 116.- Zorigaitzen aurreko gure ustekabea ez da bakarrik aurrerantzean beti hobera joko dugula asumitzen dugulako, hobeagoa denetik atzera jotzea zailagoa suertatzen delako ere bada. 117.- Egiatan interesatzen zaiguna bere kabuz itzultzen da. 118.- Gure gogoak herri ezberdinak dira, bakoitza bere kultura eta tradizioekin. Kortesia arau guztiak kontuan izanik ere, gaizkiulertuak saihestezinak dira. 119.- Papereko kontsumoak baliabideak agortzeko arriskuan jarri zituen unean, hain justu, posta elektronikoa nagusitu zen; zaldien simaurra hirietako kaleak kolapsatzeko zorian zegoenean, hain zuzen ere, autoak etorri ziren. 120.- Nostalgia apetatsua da, beti gehiago uzten dugu aurrean atzean baino. 121.- Dohain bereziena edertasunak hunkitua izateko sentiberatasuna da, betetasun unerik handienak ahalbideratzen baititu. 122- Sinesteko joera daukagu egiazkoagoa dela luzaro irauten duena. 123.- Sasoiak besterik ez gara elkarrekiko. 124.- Baserrietan isolaturik bizitza osoa eman ondoren kanposantuan bakarrik biltzen dira elkarrekin, hilda daudenean. Pisuetan isolaturik bizitza eman ondoren… 125.- Badirudi gauzak ez zaizkigula egiatan gertatzen haiek adierazteko modua aurkitzen dugun arte. 126.- Gizarte tradizionala errealitate sozial eta ekonomikoaren gainean hazi egiten da, bizimodua mundu profesional objektibo, gogor eta zorrotz batean bideratzen saiatzen direnen bizkarretik, parasito nagi eta garesti baten gisara, behin eta berriro argi geratzen den arren gainegitura hori mantentzerik ez dagoela. 127.- Translazioaren gainean eserita, errotazioaren gainean eserita, eboluzioaren gainean eserita, denborarekin higitzen, jarioz. 128.- Herri zaharrei pintura usaina darie. 129.- Zerbait ikusi nahi dugunean edozein gauzatan edo gertakaritan ikusten dugu. 130.- Ederragoak dira bizitza osoan hogeita hamar kilometroko eremutik urrunago ez zihoazen jendeek tokiei eta gauzei jartzen zizkieten izenak. 131.- Hobeto interpretatuko genuke gure papera aldi berean idazten ibili behar izan ez bagenu. 132.- Koherenteenak inoiz pentsatzen ez dutenak dira. 133.- Toki bakoitzak bere denbora dauka. 134.- Badago gure bakardadeak nori leporatu. 135.- Mendiek gizakiak garela gogorarazten digute. 136.- Muturreko jarreren erakargarritasuna bestaldean hutsa besterik ez dagoelako susmotik datorkie. 137.- Galdera on bat norberak bere buruari galdetzen diona da, zeinaren erantzuna ez dakien, jakina. 138.- Zuhaitz oro zaharra da, belar oro gaztea da. 139.- Egile benetan on bat ospeak bakarrik egiten du komertziala. 140.- Denak gara tantaloak maitasunean. 141.- Desioa bere indar betean eboluzioak ausaz eragindako bihurgune bat besterik ez izatea bere osotasunean inoiz ezingo dugun asumitu zerbait da. 142.- Mintzatzen garen bakoitzean handitu egiten gara. 143.- Sexua gure izaeran idatzita dagoela ematen du, gu bakardadearen aurka borrokatzera behartzeko besterik ez. 144.- Hautsitzat jotzen ditugun idatzita ez dauden arauen existentzia nork egiaztatu bilatzen dugu. 145.- Horrenbeste atzo iragan ondoren, bihar bakar bat dagoelako ustean jarraitzen dugu. 146.- Bizitza batean zehar pertsonen adiurreari buruz ikasten den oinarrizko lezioa hau da: gizatasuna dela gizaki batek lezakeen ezaugarririk arraroena eta preziatuena; mundua gizatasunik gabe badabilela ulertzen denean bakarrik hartzen du zentzua. 147.- Dena galdu daiteke mintzatuz. 148.- Gailentzeko zorian gaude beti, amore emateko edo kapitulatzeko zorian gaude beti. 149- Ezin dugu sinetsi beste hiri batean, beste giro batean, beste garai batean ezagututakoa berehalakoan kalean topatzen dugunean, beste mundu batean. 150.- Planetaren azken eguna, dena normal. 151.- Itzultzen ari gara beti. 152.- Arbasoen garaietatik zerbait bagarela pentsatzea aterperik ziurrenetakoa da, erabiltzen saiatzen ez garen bitartean. 153.- Badirudi mundua biratu egiten dela gu leku berean gaudela sentiarazteko bakarrik. 154.- Lurra egarriago den eremuetan gizakiek itoago ohi daukate izpiritua. 154.- Erlojuz eta guri begira dauden argazkiez inguratzen gara, ginen umeenak barne. 155.- Min bakoitzari zentzu bat bilatzea bihozbera bezain alferrikakoa da. 156.- Mamuak bezala bizi gara bata bestearen ondoan, egunez egun eta bizitza osoan zehar, ez baitiogu elkarri heldu egiten inoiz edo behin baino eta maiz berandu denean, bat joan denean eta dagoeneko erantzungo ez duenean deitzen badiogu. Bata bestearen ondoan isilik edo garrantzirik gabeko gauzez hizketan, isilik egoteko beste modu bat dena, eta gertuko bat egiatan betirako isiltzen zaigunean, orduan bai, deika hasten gara, alferrik. 157.- Defendatzeko modurik efektiboenetakoa pentsaraztea da. 158.- Termino birtualetan informazioa aurkezteko modu bat besterik ez garela esan liteke. 159.- Erlijioak ere ez zuen herriak batzeko behar beste indarrik izan. 160.- Itsasoko eta kostaldeko bizitzaren ezegonkortasunak bere handitasunen soilik dira parekoak. 161.- Modernitateak gure denboraren jabe egin gaitu. 162.- Erromatarrek telebista izan balute latinez egingo genuke oraindik. 163.- Sinesgaitza da zer-nolako trebezia garatzen dugun beste bati leporatzeko denok egiten dugunagatik. Gizarte espiazioa omen, badirudi hipokresiarik gabe erkidegoak ezin duela aurrera egin. 164.- Idealizaziorik gabe ez legoke ez ezkontzarik ezta bestelako inolako konpromisorik ere. Ezinbestekoa zaigu nolabait elkarbizitza antolatua eratzeko. 165.- Esan behar duen horretan kontzentratuta dagoenak ez dauka entzuteko abagunerik. 166.- Zelako bakea dagoen espazioan, nola nabaritzen den oraindik ez garela hartara iritsi. 167.- Dena entrenamendu bat da geroan egingo dugun edozein gauzatarako, inoiz egingo ez dugun ezertarako batez ere. 168.- Lan egiteko denok saltzen diogu arima deabruari, baita elkarrekin bizitzeko ere. 169.- Gauzek beti hobera jo dezakete, oinarrizko horretaz jabetzean datzalarik gaztetasunaren sekretua. 170.- Orbainak eta zauriak dira munduak gure gorputzean idazten dituen hitzak gure bizitzako abestiarentzat. 171.- Bizitzen nola irakatsi, seme-alabek azkeneko aurreneko galdera horren aurrean kokatzen gaituzte. 172.- Zenbat krimen ez ote dira egingo hitza betez. 173.- Zebra-bidearen aurrean gelditzen den batengatik, semaforoa noiz aldatuko zain, arauak betetzearren, mundua galdu edo salbatu egingo da. 174.- Sentimentalismoa ez da ezer, sentimentalismorik gabe ez gara ezer. 175.- Jakintsua bere gizaki izaerari datxekion lehia hondagarriari hein batean uko egiten dion hori da, apur bat animalien antzera bizitzera itzultzeko. 176.- Guk normaltasuna haiek zirela uste genuen; eta haiek, gu ginela. 177.- Ez da norberaren ametsak bete gabe bat zoriontsu izan daitekela bakarrik, zera da, Itakara iritsiz gero, amets guztiak betetzea lortzen badu ziur aski ez dela zoriontsu izango. 178.- Zibilazio mendebaldarrean norberekoikeriak errespetatzen ikasi dugu. 179.- Jendeak errealitatearen ardura hartzen du etxeko animaliekin: ez ditu izan nahi gero ez galtzeko; izanez gero, maitasuna ematen die, eta, gehiegi sufritzen hasten direnean, sakrifikatu egiten ditu. Haiekin bakarrik baina. 180.- Erantzuten hasi ahal izateko, lehenago galdetzen hasi behar izan genuen. 181.- Bizitza osorako amodioaren tradiziozko kultura santua, beste bat bilatzera bultzatzen gaituena, hari gure zoriontasunaren ardura leporatzeko. 182.- Nolakoa zatekeen munduaren historia beti euria ariko balu. 183.- Gelditzen zitzaigun kontsolamendu bakarra patuak aukeratuak izan ginelako ustea zen, sufritzeko bada ere, eta hori ere gezurra da. 184.- Ez du ezerk eragiten gugan lurra gurea delako irudipena ekologiak eta espezieen ikasketak baino gehiago. 185.- Errefutaezinak diren ondorioek ustezko premisa errefutaezinak eragin ohi dituzte. 186.- Jendeari horrenbeste kostatzen zaio entzutea ezen defendatzean kontzentratu egiten den senez, prebentiboki bada ere. 187.- Maite dugunaren heriotzaren aurrean zibilizazio osoa desagertu egiten da, eta kultura gordinik azaltzen da. 188.- Funtzionaltasunak salbatuko gaitu, funtzionaltasunak akabatuko gaitu. 189.- Ez dago mugarik gizakiak beren buruaren bila irits daitezkeen iraganeko urruntasunean. 190.- Argazkietan gauzak islatu egiten dira, edertasun gehiago edo gutxiagoz, esanahi gehiago edo gutxiagoz, margolanetan aldiz gauzak mundutzen dira, Heidegerrek dioen moduan. 191.- Bat bere buruarekin mintzatzen denean serio egoten da. 192.- Gure zaletasunek ez digute ogirik ematen, beraz eskatzen duten denbora ematen saiatzen baldin bagara estresa eragiten digute, ez baldin badiegu ematen behar beste denbora frustrazioa eta antsietatea sentitzen dugu, eta lagatzen baldin baditugu hutsa nagusitzen da gure baitan. 193.- Baloreak norabideak izaten dira, hau da, errenuntziak. 194.- Zelako bakea zendu zirenekin izan genituen errietetan. 195.- Badago aldea iruzurgilearen jokabidearen eta bere buruari entzute handia eman nahian suspenditzen duen irakaslearen artean, iruzurgileak dirua, metatutako lana eta bakea besterik ez ditu lapurtzen. 196.- Zenbat jendek ez ote du bere iraganarekiko fedea galdu. 197.- Asimilatuak ahal izateko gauzek astia behar dute gertatzeko, eta, gehienetan ez dutenez gero, ez ohi ditugu asimilatzen, beren osotasunean behintzat. 198.- Gure gorputzak ez dauka lekurik bere baitan gorde nahi dugun ororentzat. 199.- Zahartzaroak auzoko mundura ekartzen gaitu berriro. 200.- Zertarako balio du gehienetan jendeak bat zuzen dabilela jakiteak ondorioetaz libratzeko ez bada? Hobeto lo egiteko? Norbera epaile izanda? Beste batek izatekotan ulertuko luke epaitu edo irizpidea eman baino lehen? 201.- Aholkuak merke saltzen dira, ematea errepikatzea bezain erraza balitz. Aholku on batzuk baliotsuak dira entzun nahi dituenarentzat ordea, atzera begira aholku onek zorte asko behar izan dutela antzematen bada ere. 202.- Gauza garrantzitsuetarako ez da inoiz unea. 203.- Gaur goiz da, bihar berandu da. 204.- Liluratuta geldituko ginateke gure burua Euskal Senatu Eta Herria gisara izendatuta ikustean, edota Espainiar edota Frantziar Senatu Eta Herria, txundituta eta harrituta, senatua herriaren bestelako edo kanpoko osagai bat izan litekeelako ideia berak gure zentzu demokratikoa higuintzen baitu, gure pentsamoldean ezin baita ordezkariz osatuta ez dagoen herri erakunde bat kontzebitu ere. Hala ere SPQR-k beste ebokazio bat dakarkigu gogora, herri eta zibilazio batena, lurrari lotuta ez dagoena eta munduan zehar abian dena, bere burua aberasten eta amesten eta besteak aberasten eta amestarazten, haziak botatzen eta haziak jasotzen, dabilenak hartzeko utzi egin behar duen modu berean. Beren garaian Espainia bezala edota Frantzia eta Britainia Handia bezala. 205.- Umezaroan eta nerabezaroan erretzen gaituen labea esposizioa deitzen da. Orain, gure aroan seme-alabak esposiziotik babesten baldin baditugu gure buruarekin heldutasunean egin dugun bezala, ez al dira gordinik geratuko betiko? 206.- Gizateria ia beti, une bakoitzean, bidegurutze batean egon da, eta ia sekula ez du bide erabat zuzena aukeratzen asmatu. 207.- Egunez itsasoko ertza uhintzen dakusagu, gauez espazioko ertza uhintzen dakusagu. 208.- Denok guztia gure erara nahi dugu. 209.- Horren jabetza sentimendu estua daukagu mundu osoarekiko ezen ez dugun joan nahi ahal ditugun bazter guztiak ikusi gabe. 210.- Artea marka da, hatza. 211.- Bakea ez datza naturan, eraiki egin behar da. 212.- Pertsona bat maitatzen dugunean munduaren bukaeraraino jarraituko gintuzkeela suposatzen dugulako da hein batean, baina ez da horrela, hori gure familia gertukoek egingo lukete bakarrik, eta hori ere ez da ziurra. 213.- Kezka eta buruhauste handirik gabeko bizitza batekin amets egiten duenari konpromiso intimoenak datozkio bueltan erretiroan. 214.- Ile gutxiko tximu zutituak gara, gure kasuan argi ezarengatik koloregabetuak, kolpeak saihesten eta beste erremediorik ez dagoenean jasaten aurrera egiten dugunak jo eta su, atsedenik gabeko bidai batean lur baterantz gure ametsetan baino beste inon existitzen ez dena. 215.- Egunean zehar bero den edozeri hurbiltzen saiatzen gara, eta gauez gure baitan gordetakoa piztu eta horrekin gure burua berotzen saiatzen gara. 216.- State of denial, esamolde bikain hori asmatu duen herri batek ezin dezakeela praktikan jarri pentsatzea ere. 217.- Isiltasunak bakarrik defenditzen du adimen presuntzioa. 218.- Denboraren poderioz profilak nitidoagoak egiten doaz. 219.- Dazaguzkigun kanpoko planetetako paisaia eta giroa gogaikarriak dira. Bizitzarik gabe aniztasunik ez eta aberastasunik ere ez. 220.- Ziurtasunek murrizten gaituzte, edo gu murrizteko joera dute, gure buruaren aurka jartzen baikaituzte. 221.- Nolabaiteko lehia bat sortzen da beti ea nork dakizkien hobeto idatzita ez dauden arauak. 222.- Gure heriotzaren gaineko ziurtasunak guztiari zentzua ematen diola dirudi, baina ez dio ezeri zentzurik ematen. 223.- Betazalik gabeko begiak izaten amaituko dugu, sugeen modura. 224.- Batek ez duenean ezer egiten bere gorputzaren hilobian atseden hartzen du. 225.- Dorre guztiak eror daitezke. 226.- Industria handia ez dirudi pertsonentzat egina. 227.- Larunbatero ordua atzeratuko balute ere, batzuk astean zehar berandutuko lirateke oraindik. 228.- Heldutasuna etortzen sentitzen ez dugulako bakarrik iristen zaigu. 229- Psikologia teologiako ikasgai zabaldu bat besterik ez da. 230.- Umezaroak iragazki bat dauka besteen askatasunak ikustea ahalbideratzen duena, baina ardurak ez. 231.- Egunak zenbatzea hilzorian dagoenak egiten duen moduan. 231.- Argi berri bakoitza gure begiak itzaltzen doa. 232.- Zoriontsu hura bizitza amaitutakoan zera esan dezakeena, gizakia izan naiz. 233.- Ez dakigu inoiz zehazki denbora gure alde noiz dagoen. 234.- Hemendik bi mila urtera gure ondorengoek plastiko detektagailuak erabiliko dituzte. 235.- Denak laguntzen du, denak oztopatzen du. 236.- Urpeko animaliak beren berezko grabitaterik ezean bizi dira, haientzat gu garelarik estraitsasotarrak, arrotzak, astunak, geldoak, oxigeno etereoa arnas egiten dutenak. 237.- Gainontzeko guztiok zeudenak baino askoz hobeagoak ginela uste genuen, eta berdinak edo okerragoak gara. 238.- Zein efikazak garen gure gorpuak ezkutatzen. 239.- Igandeko jantziekin aurkeztu ohi gara lan zikina egitera. 240.- Bizitza osoa borrokan ematen dugu bihar bat ez balego bezala, inoiz heltzen ez den bihar bat iristeko itxaropenaz. 241.- Iraganeko sufrimendu guztiek bizitzera behartzen gaituzte. 242.- Historia gero eta azkarrago doan heinean gero eta nabariago agertzen da heriotzaren behar kulturala. 243.- As a matter of fact esaten dute ingelesez, de hecho gazteleraz, zer bestelako matter bat izan daiteke ba? 244.- Posible zela sinestu izanak posible egin zuen. 245.- Denbora gehiago ematen dugu gure aukerak defendatzen, gure buruaren aurrean besterik ez bada ere, hartzen eman genuena baino. 246.- Zuhaitzek ematen dizkiete sakontasuna, nortasuna eta misterioa bazterrei, ez pertsonek. 247.- Euskarak nortasun ikur izateari utziko dion unean desagertuko da. 248.- Umetan plastikoak gara, eta urteen poderioz mamitzen eta gogortzen goaz, eta pitzatzen. 249.- Ezin da gurasoen jokabidea baloratu aita edo ama izan arte, ezin da irakasleen zerbitzuaren kalitatea irizpide egokiaz epaitu eskolak eman arte, ezin du epailearen lanaz balioa duen iritzi bat plazaratu epaitzeko trantzean izan ez denak, lehiaketa artistiko edota literarioetako ebazpenak oro har deskalifikatzeak edukirik ez dauka ez baldin badator ardura hori norbere gain hartzeko eskarmentutik. 250.- Kultura gizakien eta errealitatearen arteko urruntasuna da. 251.- Nondik dator bakar-bakarrik geure buruarekin solasean ari garenean erabiltzen duguna erregistrorik errealena den ustea. 252.- Ordua erlatiboa zaio erlojua erabiltzen ez duenari, beste inori ez. 253.- Dena gure gorputz bakunean datza. 254.- ‘Itsaso ozeanoa’ esaten bazen ‘planeta mundua’ esan beharko genuke. 255.- Kultura mendebaldar osoa pertsona hil baino lehen aldi batez bada ere iratzarrita egoteko ametsean datza. 256.- Nostalgiaren gaia idealizazioaren oroimena da. 257.- Gauza bera behin eta berriro galdetzen dihardugu entzun nahi dugunaren antzeko zerbait entzun arte. 258.- Adinarekin jakintsuak beren idealizazioetatik askatzen doaz, eta ergelak gero eta gehiago murgiltzen dira haietan. 259.- Denok errege jaiotzen gara, denok gure erresumatik urrun, denok gure erresuman. 260.- Idealizaziorik gabeko egun bat gizatasunik gabeko egun bat litzateke. 261.- Goratzen gaituen adinak garaitzen gaitu. 262.- Ezkutatzeko bi era nagusi dago, jende asko dagoen lekuan edota inor ez dagoenean. 263.- Zirrara biziak eragiten dituena arriskuan dago. 264.- Unibertsoa, ezagutzen dugun bezala, eternala da. 265.- Zerbait lortzeko hagitz nahi izatea behar da, eta nahi izana ez erakustea. 266.- Gu geu gara gauza txikiei pisu itzela ematen diegunak denboraren laguntzaz, arretaz edo oroimenaz edo ahanzturaz, jabetzaz edo ezaz, topaketaz edo gabeziaz, desioaz edo errefusapenaz, norberaganatzeaz edo urruntasunaz. Ez jakiteaz ere bai sarritan. 267.- Benetako lagunak ez dira bolada txarretan edota ezbehar handien aurrean zure alde gelditzen direnak edo gerturatzen eta laguntza ematen edo eusten zaituenak, ondo doakizunean zurekin pozten eta zure arrakasta eta lorpenez egiatan gozatzen dutenak baino. 268.- Jaiotzen garen etxean ere galduta gaude. 269.- Mamu istorioek nolabaiteko eginkizun bat izan behar dute nortasun orekatu baten garapenean, objektibotasunaren aroan erabiltzen jarraitzen baitira eta nerabeak izutzen, agian gogo bakoitzaren baitan gizateriaren ilunpetik argitasunerako ibilaldia irudikatzeko asmoz, ez dadin ahaztu. 270.- Badirudi gure aita eta amarekiko harremanean, eta gure aiton–amonekikoan, ezin dugula nolabaiteko arketipoetatik alde egin, ezin ditugula pertsona berezi gisa baloratu ezta tratatu haiekin lotzen gaituen senidetasuna aldenduz, ezin dugula edo, hobeto esanda, onartzen dugula perspektiba hartzea guri ez dagokigula, onerako eta txarrerako. 271.- Ez genekien zer nahi genuen, ez dakigu zer nahi izango dugun. 272.- Munduan ez da iraganerako lekurik gelditzen, eta beharbada horregatik barruan daramagu. 273.- Itsasaldiak abisuak dira, itsasoak berriro irentsi egingo gaitu. 274.- Ez bakarrik gure gurasoak, gure arbasoak ere gure haragian sufritzen, irabazten eta galtzen dutenak eta hiltzen direnak badirela uste badugu, arduraren pisuak ez digu ibiltzen ere utziko. Edo alderantziz? Edonolako erantzukizun posiblea disolbatu egiten al du pentsaketa horrek? Askatasuna aurrera begiratzetik dator hein handi batean, eta ondasunak jainkoa bezalakoak dira, irakurri nahi dieguna besterik ez digute esaten. 275.- Gutxiago gehiago da oroimenaren errepublikan. 276.- Zibilizazio osoa optimistek, kartsuek eta ameslariek eratu dute. 277.- Gauaren ondotik lainoa dator. 278.- Besteen edo geure aurrean gure aukerak justifikatzeko arrazoiak besterik ez ohi dugu aurkitu. 279.- Chordata izena gure taxonetako bati ipini zionak gure bizkarrezurraren soka eusten edo astintzen duen zerbait edo norbait egon behar duela suposatuko zuen. 280.- Izenak bidaltzen dizkiogu etsi-etsian mezuen modura erantzuten ez duen mundu gor bati. 281.- Europa urmaelez josi genuen, zisneen modura ederrak, burgoiak eta leialak izatearekin amets egiten genuelako. 282.- Guden urritzeak zerbait bagarela erakusten du. 283.- Gure buruari zer garen galdetzen diogunean nondik gatozen erantzun ohi dugu. 284.- Gugan eragina duena bakarrik interesatzen zaigu. 285.- Mundu anglosaxoiaren tentsio praktikoak beren eraikuntza kulturalen altuera murriztu du, baina askoz ere solidoagoak egin ditu. 286.- Dagoeneko ez diegu jaramonik egiten ezta etorkizun trafikatzaileei ere. 287.- Galtzeko ez da sinetsi behar. 288.- Hamar urterekin ume batek bere bizitzaren zortziren bat bizi ditu, zorte onez edo txarrez, eta ez du ezer bizi oraindik, edo dena bizi du? 289.- Bihotzaren giharra zaila da erlaxatzen. 290.- Gure hirian gure iraganari aurre egin behar diogu etengabe, eta beste hiri batean are gehiago. 291.- Agian unibertsoaren etengabeko zabalpena da gure intensio jarraia eragiten duena. 292.- Kontrola izateko daramagun borroka kixoteskoa bezain alferrikakoa da. 293.- Zenbat eta musika gehiago kanpotik entzun gero eta gutxiago entzuten dugu barrutik. 294.- Gure aroak ziurtasunak eskatzen dizkie sendagile eta abokatuei, eta batzuk ematera ausartzen dira. 295.- Mendiak eta leizeak zorroztasuna galtzen doaz, izotzak urtzen doaz eta gu distira galtzen goaz, hori da egia biribila. 296.- Gauzek ez dute beste garrantzirik, ematen dieguna baino. 297.- Jaioterrietan begiraden nolabaiteko kosmopolitismoa garatzen da zenbaitetan, bizitzak aurrera egin ahala auzo ezberdinetan bizi eta lan egiten dugun heinean. 298.- Beharbada bizidunen lurraren gainean izandako epopeiako gertaerarik nabarmenetakoa baleak itsasoan behin betiko barneratu zirenekoa da. 299.- Kanposantuan denak espazio-denboran bidaiatzen ari dira. 300.- Bikainak ez diren lanetan irrigarria dirudi grinak. 301.- Badirudi hizkuntzak biosferan flotatzen duela, baina ondo trinkotu eta zorroztuz gero errealitatean barneratze nabarmena lortzen du. 302.- Erromak harrian idazten zuen, New Yorkek kristalean idazten du. 303.- Pertsonek bakarrik osatzen dituzte munduak. 304.- Umezaroaren zamaz libratu ondoren beste inoiz ez egiazko autobiografia bat idatzi daiteke. 305.- Bi pertsona mota daude munduan, diru eskaleak eta arreta eskaleak. 306.- XIXgarren mendean elektrizitatea bideratzen asmatu genuen baina grisaren aroa hasi zen. 307.- Orokorrean nabaritzen da baten batek begiratzen digunean bere gorputzetik edo bere gorputzaren barrenetik egiten duen. 308.- Gizakiaren bizitzak historia iragaiten ikusteko behar beste iraun ohi du. 309.- Hitzik gabeko jendea ez da besteei agindutakoa ez diena betetzen, bere buruari gauzak agintzen ez dizkiona baino. 310.- Artifizialak ez dauka naturalaren ñabarduren aberastasunik, gure hautematearen eta gure sintesi ahalmenaren neurria daukalako. 311.- Denbora zabaltzeko errezetak digerigaitzak dira. 312.- Liburutegi unibertsaleko lanetan bi sail nagusi besterik ez dago, oroimen liburuak eta asmakizun liburuak. 313.- Orain arte izan dena ez da unibertsoaren sistole bat baino izan. 314.- Premien zibilizazioan 'orain' da beharbada gehien abusatua izaten den hitza, umeek detektatzen duten gezur lehenetarikoa. 315.- Naturaltasunezko lau bat hamarkada aski izan dira kortesia arauei, baita absurdoenei ere, zentzu osoa itzultzeko. 316.- Egiptoren garaietatik nazioek ez dute hilobi lapurren belaunaldiak besterik sortu bata bestearen atzetik. 317.- Etorkizuna amaitu ahal izango bagenu… 318.- Bikote askok porrot egiten dute baten eta bestearen idealizazioak ez direlako baliokideak suertatzen, idealizazioak izan arren, edo idealizazioak direlako hain zuzen ere. 319.- Gizakia mila urteez erlijioan ehortzita igaro ondoren (berak bere burua lurperatu zuelarik), orain lanari eta masen kulturari alienazioa deritzegu. 320.- Euriak denok barruan generaman zerbait deskargatu egiten du. 321.- Argizko kutsadurarik? 322.- Eguerdian dena biluzik dago. 323.- Gure habiak Europako tenpluan eraikitzen ditugu. 324.- Arazoek mundutik banatzen gaituzte. 325.- Historia ez da neurtzen, pisatu egiten da. 325.- Eskola jazarpeneko sari bat zintzotasuna behar baino lehen agertzen duenarentzat, lan esplotazioko sari bat lanari behar den baino hobeto edo kementsuago ekiten dionarentzat, abusu, haustura traumatiko eta seme alabengandik banatzeko sari bat bere bikotea behar baino gehiago maite duenarentzat. 326.- Seme-alabak metropoliek beren koloniak tratatzen zituzten moduan tratatuko bagenitu bederen, ez genituzke inoiz abandonatuko. 327.- Idazlan literarioek zerbait gerta dadin behar dute orokorrean, margolanek aldiz orokorrean zera behar dute, ezer ez dadin gerta. 328.- Gizakia, gezurra esaten duen animalia zalantzarik gabe, gai da nonbait fantasiazko bere paradigma ia osoa eguneratzeko belaunaldi bakoitzean, erlijio eta psikologia berri batzuk asmatuz. 329.- Zelako izadiko ikuskizun zoragarria diren poloak, ura materiako lau egoeretan aldi berean, likidoa, solidoa, gaseosoa hodeietan, eta plasman gure baitan. 330.- Kazetaritza anglosaxoian idazkera objektiboagoa da baina pertsonalistagoa da aldi berean, kazetaritza kontinentalean aldiz idazkera ez da horren pertsonalista, baina subejtiboagoa da, bitxia benetan. 331.- Norbait benetan galduta dago ez arazo edota zailtasun handiak topatzen dituenean bakarrik, nor den eta bere ametsak zein diren garbi ez dakienean baizik. 332.- Lanbideek baliabideak ematen dizkigute, baina arima lapurtzen digute. 333.- Kanpoko espazioan gure gorputzak absolutuak lirateke. 334.- Denborak bakarrik eusten gaitu, bera gabe erori egingo ginateke. 335.- Baten bati gai bat benetan interesatzen baldin bazaio, ez du inoiz horren inguruan irakurtzen amaituko. 336.- Estereotipo bat osatzerakoan osatzeko balio ez duena baztertzen dugula dirudi. 337.- Umezaroan mundu gehiago dago. 338.- Iragana ere aldatzen digute etengabean. 339.- Idealizazio mailak zibilizazio maila ematen du. 340.- Gure ekintza planak egiten dihardugu, besteen sentiberatasuna suposatuz. 341.- Idazteak eztabaidan jartzen gaitu gure buruarekin. 342.- Gastronomia janaria egun bat baino gehiago iraunarazten duen artifizio mentala da. 343.- Ez ditugu istripuak onartzen ezta digeritzen ere denbora laburrean gertatzen eta gauzatzen direlako, eta guri denbora luzean edo epe luzerako bizitzen irakatsi digute, mentalki bada ere, edo horretarako ebolutiboki programatuta gaude beharbada, auskalo. 344.- Elektrizitatea da modernitatearen odola, eteten baldin badugu zorigaiztoko garaietara itzuliko gara, etsipenez oroitzen bide ditugunak. 345.- Zoritxarreko orduan denok sutondora gerturatzen gara. 346.- Argi elektrikoak gure eguna bikoiztu zuen eta musika grabatuak gure oroimena bikoiztu zuen, baina ordenagailuek ez dute gure adimena bikoiztu. 347.- Norengatik egin duzu? Niregatik, guregatik edo zeuregatik? 348.- Lilura munduko pozoia, lilura munduko nektarra. 349.- Zientzia saioekin baino askoz oldarkorragoa izan zen erlijio antolatua ustezko sorginkeria eta heresiekin, egiarekiko beldurra baino premiazkoagoa baitzen mitoaren monopolioa babestea. 350.- Beste ozeano batean edota beste azal batean dastatzen dugun bakarra gure ziztua da. 351.- Norbera bere munduan, baina bere burua besteekiko definituz beste inola ez. 352.- Aura elektroiak dira. 353.- Zahartzaroak gure geneak errebelatzen ditu argazkilari likido baten modura. 354.- Gauzen inguruan pentsatzera jarrita perspektiba hartzea deitu ohi diogu etorkizun urrunago edo gertuago batean kokatzen saiatzeari, ez urrundik, ahalik eta atxikimendurik edota sentipenik gabeko ikuspegi batetik ikusten saiatzeari baizik. 355.- Besteenak guretarren aurrean balio du, beste inon ez. 356.- Ezberdinak jazarriak izaten dira, berdinak zapalduak izaten dira. 357.- Mundu materialean gauzei garrantzi erlatiboa pisuak ematen die, grabitateak alegia. 358.- Jainkoaren jostailuk beren etxetxoetan gordeta, batzuk galdurik… 359.- Gure egia makalaren faltsugarritasun perimetroa etsi-etsian defenditu behar da, gure bizitzan zehar egiten dugun garrantzizko bakarra bada ere. 360.- Gure garaian zuzentasuna, informaltasuna eta gertutasuna erabiltzen ditugu itxura egiteko dagoeneko ez dugula adeitasunaren urruntasun faltsuaren itxura egiten. 361.- Ia mundu guztia kalean agertzen da goizero edo eguerdiro berean ezer gertatu ez balitz, ezer gertatzen ez balitz bezala. 362.- Ez dago beste argudioren beharrik hemen gaudela baino. 363.- Iragana gero eta puska txikiagotan apurtzen zaigu 364.- Zerbait berri egin nahi izanez gero gurean sinetsi egin behar dugu beste inork sinisten ez duenean. 365.- Bizi garen leku gehienak ez lekuak dira, inondik bilduak eta epe laburrean desegiten direnak, baina horien artean ez leku nabarmenenak itsasontziak dira, itsasontzi handiak, bolada batez bizitzaz beteak eta ondoren ezereztatuak izaten direnak zuzenean, mamuak aterperatzeko paradarik ere izan gabe. 366.- Harreman pertsonalak zentzuz kargatzeko aldez aurretik iraganaz kargatu behar dira. 367.- Espezie guztioi bizitzak deitzen digu kostaldera. 368.- Itsaso eta ozeano ezezagun eta babesgabeak antzina–antzinatik geure komunikabide nagusiak izanak geure ziurtasunen huskeria azaltzen du. 369.- Ez dugu inoiz onartuko zoriak gure bizitzan jokatzen duen papera. 370.- Hildako guztiak beren lekuetara itzultzen dira azkenean. 371.- Erlijioetan zismarik ez balego ezin genitzake haien akatsak zein bertute nagusiak hauteman. 372.- Mila urte barru askatasunezko ametsak izango ditugu oraindik. 373.- Ahanzturarik gabe barkamenik ez. 374.- Definizio bat gauzak zer ez diren adieraziz hastea ez da azalpen bat, justifikazio bat baizik. 375.- Egunero gure buruari galdetu beharko genioke ea gizakiak garen. 376.- Gauza bakarra dago erudizioa inspiraziorekin ordezkatu nahi izatea baino okerragoa, inspirazioa erudiziorekin ordezkatu nahi izatea. 377.- Gure gorpuztasunaren jabetasuna materialki ezberdina da: ez gaude era berean presente buruan edo esku batean esaterako. 378.- Sekretuez bakarrik dakitenek ez dakite ezer. 379.- Zua aurkikuntza izan zen zeinaren gainean zibilazio osoa eratu zen. 380.- Iraganak bakarrik oraina amaitzen du. 381.- Belaunaldi bakoitzak behar baino lehenago edo behar baino beranduago sortu dela uste ohi du, eta bat ere ez da jabetzen mundua afaltzeko une egokian jaio denetz. 382.- Etorkizuna ehorzten, iragana igartzen. 383.- Tximu gisa gure bizitza zikloa jaiotzea, haztea eta ugaltzearekin betetzen da, gizaki gisa gure bizitza zikloa gure ametsak gauzatzen direnean betetzen da, edo ez da betetzen ez baldin badira gauzatzen. 384.- Etorkizuna iragana baino arreagoa da. 385.- Munduaren historia osoan oraindik ez da gizaki bakar bat jaio bere askatasuna erabiltzen jakin duenik. 386.- Amodioan ironiarik ez. 387.- Oroitzapenak ez ohi dira etorkizunari buruzko iragarpenak baino fidagarriagoak. 388.- Ura eta inguratzen gaituzten hezetasuna gu digeritzen doaz disolbatu arte. 389.- Modernitateko aurrerapen eta atzerapen franko ikuspuntu publikoaren handiagotzetik datoz. 390.- Gure kulturaren egungo epopeia hedonista histeria erlijiosoko itzalaldi batean amaituko da segur aski. 391.- Historia da gainontzekoez egiatan arduratzera eramaten gaituen jarduera gutxienetakoa. 392.- Badirudi euskal kultura bi muturren artean bizi dela beti, intimitatea edo diluzioa. 393.- Agian biografietan erakartzen gaituena hasiera eta amaiera zehatz bat dituztela da. 394.- Mundu guztiak akatsak egiten ditu noizean behin, akats larriak zenbaitetan, baina ezkutatzeko eta gainditzeko trebezia da aldea markatzen duena. 395.- Horrenbeste iraultzen ostean zuzenbide zibila ahaztu zaigu. 396.- Edertasunaren ideiala ez bageneuka ez genuke ezer egingo. 397.- Elurra ari duenean berehala kentzen dute, eta istripu edo ezbehar bat gertatzen denean hondakinak jasotzen dituzte ahal bezain laster, edota baten bat hiltzen denean gorpua eramaten dute segituan; ez dute ezer benetan gertatzen uzten. 398.- Zenbateraino beste bat behar dugu hor uneoro. 399.- Mundua handiagoa egiten zaigu ezagutzen ez dugunean, eta gure txokoak baino hobea dela pentsatzen dugunean. 400.- Luxu guztiak azkar galtzen dira, irauten dutenak batez ere. 401.- Belartzek eta orbelek xuxurlatu egiten dute, loreek garrasi egiten dute. 402.- Akatsen aitorpenean, ulermena estigmaren ataria besterik ez da. 403.- Galderek gero eta gehiago setiatzen gaituzte eta erantzunek ez gaituzte askatzen. 404.- Muturreko antagonismoak ez ohi dira gatazka baten zioa. 405.- Ez da bakarrik ez dakiela inork besteak nola lagundu, zera da, ez dakiela inork nola lagundua izan ere. 406.- Zelako amets ederra eta eroa den lantzen ez duenarentzat bere buruak lantzeari ekiten diola pentsatzea. 407.- Hamar urtero gure gorputzeko zelula oro berritu egiten da, izpiritua omen delarik gure formari eusten dion ontzi bakarra. 408.- Puntu batera helduta, batek edozein gauza azaltzeko gaitasuna garatzen du. 409.- Margolanek egileen ametsak islatzen dituzte, argazkiek beren bakardadea. 410.- Museoak beterik daude mundua handiagoa zenean zegoenaz. 411.- Umezaroaren zirkulua aitatasun edo amatasunarekin soilik elipsatzen da. 412.- Jaiotakoan denonak garela ematen du, baina hazten garen heinean gure arbasoenak bereziki egiten hasten gara. 413.- Ez dago norberekoikeriarik gabe nork bere buruaz beste egiterik. 414.- Irakurtzen dutenak dira nondik doazen ikustera zuhaitzetara eta muinoetara igotzen diren bakarrak. 415.- Heriotza zigorra dagoen herrietan kondenatua osasun egoera onean egotea exijitu ohi da. 416.- Elkar sailkatzeko irrikatan gaude. 417.- Masen kulturaren gainezkatzeak kultura klasikoa erreskatatuko du. 418.- Zergatik egin behar dugu axola ez baligu bezala egiatan guztioi axola zaigunean? 419.- Gure biokimikak (oharkabean gobernatzen gaituzten geneak, irauteko beste asmorik gabe) sexu-grinaren bidez ugaltzera bultzatzen gaituenean iruzur egiten omen digu, eta gure biokimikak bihotzean sartzen digun lorpenen bidezko hilezkortasun nahiarekin iruzur egiten omen digu bata eta bestearen arteko lehiaz gizateriaren maila orokorra igo dadin eta modu horretan denboraren poderioz bizitza baldintzek hobera jo dezaten. Maitatzeko zerk edo nork egiten digu iruzur? Zeintzu dira iruzur horiek guztiak pairatzen dituzten gure ustezko egiazko interesak? Existitzen al dira? Norberekoikeria ez al da beste iruzur/irudipen/alienazio bat? 420.- Euskarak inoiz baino hiztun gehiago ditu egun, inoiz baino liburu, abesti, lege, film eta komunikabide gehiago. Gutxiengotuta eta diglosia egoera batean dagoela? Hein batean eta zenbait eremutan bai, baina diglosia egoera batean egon da azken bi mila urteetan, latinarekin lehen eta latinetik eratorritako hizkuntza erromantzeekin ondoren, gaztelera, gaskoia, frantsesa. Onena etortzeko ohi dago eta nostalgia sentimendu arriskutsu bat da, gure iragan pertsonala eta kolektiboa maneiatu eta apaindu egiten diguna geure buruari iruzurra egiten, helenoek ondo zekiten bezala, malenkonia deitzen baitzuten, behazun beltza. 421.- Gabeziek ez digute etorkizuna lapurtzen, oroitzapenak lapurtzen dizkigute. 422.- Gezurrik gabe mundua ez litzateke bizigarria izango. 423.- Munduko zonifikazioa ez dugu burutu oraindik, ez hirietakoa ezta geure bazterretakoa ere. 424.- Autobiografiak gauez kontatu beharko lirateke, sutondoan, argi batetik bestera eta muga horiekin. 425.- Bizitza bat baino gehiago eman genezake kortesia arauak ikasten. 426.- Aurrenik hondarrak, gero hezurrak, eta orain ADNa, zerbait uzteko gure setak beti aterperen bat aurkituko du. 427.- Bat bakarrik dagoenean dena berria dirudi. 428.- Zor bat bizitzeko arrazoi bat bada zalantzarik gabe. 429- Ahoa deitzen dugunean baino ez daukagu, gainontzeko denboran aurpegiko pitzadura bat besterik ez da. 430.- Hori guztia zeinaren alde egiten dugun gu baino handiagoa izan dadin nahi dugu, herria, kausa, lana, baina finean gure tamainakoa da, ezin baitu besterik. 431.- Egun berria, akats berria. 432.- Harriak ez du iraupena luzatzen, oroimena luzatzen du. 433.- Badaude bakardade errusiarrak, eta badaude bidaiko bakardade modernoak, amerikarrak izatera ere iristen ez direnak. 434.- Bihurgune horretatik pasatzen garen bakoitzean hondartzatik itzultzen egongo gara, hamabost urterekin. 435.- Europako mendietan ere Bederatzigarren Sinfoniak Erroma iristen balego bezala jotzen du. 436.- Zibilizazio zahar eta jakintsuak hildakoenganako kultuak bereizten ditu, beti leialak baitzaizkigu. 437.- Gaztetan gure gorputzaren errepublikaren jabe gara, zaharretan denboraren gainean bakarrik agintzen dugu. 438.- Ez dauka ezerk zauri batek baino nortasun handiagorik. 439.- Sargori itogarri batek urruntasun oro handitzen du, kale bakoitzaz herri bat egiten duelarik ia. 440.- Geure oroimena autoritate argudio gisa hartu ohi dugu. 441.- Izpiritua da programagarria ez den gure aldea. 442.- Zibilizazio osoa ez saritutako ahaleginen gainean euskarritzen da. 443.- Diskurtso edo pertsona batek izan dezaketen mugarik nabarmenetakoa zerbait defendatu beharra da, edo zerbaitetik defendatu beharra, edo aurreko zerbaiti (berea edo beste batena) eutsi beharra. Horixe baita tamalez burujabetasunagatik ordaindu behar ohi den salneurria, nolabaiteko koherentzia itxura gorde beharra. 444.- Haurrek beren erara hau beren mundua ez dela badakite, ez zaharrek eta gainontzekoek bezala, eta horrek zoriontsu izateko aukera bat ematen die bederen. 445.- Gero eta urrunago gaude geuregandik, beraz geure buruarekin topo egiteko gero eta parada gehiago ditugu. 446.- Zentzu bat bilatuko ez bagenu ez geneukake geure burua epaitzeko beharrik. 447.- Denok itsaso berberaren ertzera etorri gara. 448.- Euskara inperioek salbatu zuten eta nazioak akabatzen ari dira. 449.- Denok preso gaude globoan. 450.- Seme–alabak planetara dakartzagu materiak eta biologiak ematen dizkiguten ahalbideen bitartez (eta ematen dizkigutelako soilik), eta gero materialak eta hilkorrak direlako kexatu egiten gara. 451.- Gure garaiko zarpailkeria eta arrunkeria, eta dagigunaren edota gurea den guztiaren hutsalkeria, iragankortasuna eta iraunkor izateko guraren eza, aurrikusgarritasuna eta zakarkeria moldakorra… buruan darabilgunean zera oroitu beharko genuke, herritar xumearen eta txiroaren boteretze eta eskubide eskuratze prozesu berak gerrak amaitu zituena katedralak eraikitzeari utzi ziona dela. Zapalduta eta zenbait erauzpen eliten menpean pobrezian murgilduta dagoen gizarte aberats batengan bakarrik dira posible handitasun eta handikeria nagusiak. 452.- Gizakia gezur multzo bat da, gezurren azpian aterpetzen den eta gezurrez elikatzen den izaki bat, gezurretatik bizimodua ateratzen duena eta gezurrez maitemintzen dena. Gezurrentzat bizi eta hil, gezurretan barrena gezurrezko errealitatetik ihesi uneoro. 453.- Nortasun rol guztiak kulturalak dira, zalantzarik gabe, baina badaude nortasun rol batzuk kultura batzuetan edo batean aurkitzen direnak eta gainontzekoetan ez; are gehiago, badaude garai batean aurkitzen direnak eta geroztik galdu egiten direnak. Paregabeak gara beraz gure izaeran, paregabeak arropa kulturalak janzteko eran. 454.- Zer gertatzen da? Ba bi gauza nabarmen gertatzen ari dira egun, batetik erlijioaren urrezko korapiloak askatuta bazter orotik gabiltzala gure kontzientzia eta erantzukizun astunak besoetan deserosoki daramatzagularik non utzi edo zati batean edo osorik nori pasa aurkitu ezinik, eta bestetik gure mundu burges moderno antolatuaren normaltasunaren azpian, non dena lehenago edo beranduago dabilen eta arazo ororentzat konponbide bat asmatzea dagoen, gure hondamena eratzen ari da. 455.- Zorionez ez gara geure jaiotzarekin ezta aurreneko haurtzaroarekin oroitzen; horrek nonbait gure bestelakotasuna gogorarazten eta gure isolamendu mentala murrizten du. 456.- Malenkonia oroimenaren hutsegite eta iruzurra dela onartzen dugu, geure iragana gezur gupidatsuekin estaltzen diguna, baina aldiz badirudi ez dugula inoiz asumituko gure garaiko zitaltze orokorraren inguruko buruhaustea iraganetik onenaz aparte beste ezer ez gordetzeko joerak sortu edo eragin dezakeela, kezka horren izaera hutsala eta errepikaria alegia. 457.- Eboluzioko engranaje handian zertarako balio du tristurak? 458.- Hegan egiten duen ia edozerk irribarre bat eragiten digu. 459.- Gaztelerazko prestigio eta frantzesezko prestige latinezko praestigium-tik datoz, prestidigitazioa bezala, eskuko hatzekin egiten diren magia trikimailuak izendatzen dituena; beste frogarik behar ospearen izaera hutsala, itxurazkoa eta iruzurrezkoa betidanik nabaria izan dela ikusteko? 460.- Arimak gara, puzten gaituen airea dena. 461.- Euririk ez kanpoko espazioan. 462.- Denoi denbora gainera erortzen zaigu. 463.- Inguratzen gaituen orok ikusi ez ditugun aldeak dauzka. 464.- Zientzia bat metodo bat da, dena ikusten ahalbideratu diezagukeena baina ikuspuntu bakar bakun batetik. 465.- Ez gaituzte gogoratzen, hartu ziguten itxura gogoratzen dute, besterik ez. 466.- Nork esango zuen garaien hasieran ia bat izaten amaituko genuela, Gizateriaren hasieran nork esango zuen horren ezberdinak izango ginela. 467.- Amaiera heltzean gure gorputza besterik ez garela onartzen dugu, ordura arte bere baitan espetxeratuta gaudela uste dugun arren. 468.- Errealitatearekiko gertutasuna da garrantzia determinatzen duena. 469.- Ez dago pertsonak limurtzeko modu efektiboagorik dagoeneko zuk pentsatzen duzuna beren kasa pentsa dezaten uztea baino. 470.- Laugarren dimentsioa noosfera da, ezagutza eta ondare unibertsalaren partaide izateak perspektiba altuera bat ematen duelarik eta noizbehinka bertigoa eragin dezakeelarik lurretik oinak altxa gabe, baina egiatan eta praktikoki, egunerokoan, beste bizitza bat ahalbidera diezagukeelarik inoiz txokotik ateratzen ez bagara ere. 471.- Norbait joaten den bakoitzean mundua hil egiten da. 472.- Denek gauza bera nahi al dugu? 473.- Erabaki egokiak denborazko perspektiba duenak bakarrik har ditzake. 474.- Nazioak oroimenean mamitu egiten dira, diasporako beren seme-alaben malenkoniako arragoan xehetasunak eta ñabardurak galdu eta batzen amaitzen direlarik. 475.- Oreka da gauzak batuta mantentzen dituena denboran. Orekarik edo zentzurik gabe gauzek ez diote elkarrekin egoteari eusten. 476.- Horrenbeste kultura bisuala daukagu metatuta gogoan ezen dagoeneko ia ez dago egoerarik, ezohikoa izan arren, erabat bestelakoa suerta dakigukeenik. 477.- Derrigortu beharko gintuzkete gure izenaren aurretik ‘Tximu’ hitza aipatzera pare bat belaunaldiz, ardura hartu arte edota gutxienez behar den bezala gogoratu arte. 478.- Pertsona baten aurrean gertatzen ez zaiguna ez da gertatzen. 479.- Aro modernoaren hasiera zerak markatu zuen, gizakiak bizirauteko borroka atzean utzi edo nolabait gainditu izanak eta iruzur edota huts eginda sentitzen hasi izanak, emaitzekin, emaitzen ezarekin, edo sinpleki borroka beste maila batean jarraitzeko beharrarekin. Modernitatea zibilizazioaren frustrazioaren garaia da, non gaztetan amaigarria edo gaindigarria zirudienak mantentze kostu itzelak eta bere barneko ezegonkortasuna agertzen dituen, ametsak besterik ez direla eta ikusten diren azalak itxurak besterik ez direla errebelatuz. 480.- Lehenengo gizakirik ez zen, gauzak non amaitzen edota non hasten diren ikusterik edo esaterik gehienetan ez dagoelako. Prozesuak besterik ez gara, unibertsoan den edozer bezala. 481.- Digitalak eman digun handienetakoa gure gertuko mundu fisikoa eta gure izaera bera iraunkorragoa eta solidoagoa delako ustea eragin izana da, beste birtual baten sorrerak bakarrik hau ‘erreal’ bat eratzea edo asmatzea ahalbideratu zigularik. 482.- Izendapenak isilpekoak izan ohi dira. 483.- Natura ezkontza bat da non gonbidatuak garen, nahiz eta azkeneko lekuetan egon eta gauza handirik ez dugun ikusten ezta entzuten ere. 484.- Bakean hiltzea lortzeko era bakarra, eta tarteka duintasunez bizitzen saiatzeko ere, norberak bere egia propio txiki bat eraikitzeari ekitea da, ez gehiago ez gutxiago, eta besterik ez. 485.- Mundua dentsoa da, baina hutsik dago. 486.- Beti dago bihar gehiago gaur baino. 487.- Hautatzeko baztertu egin behar da, eta baztertzea askotan deuseztatzea da. 488.- Elizak ez dauka beste bekaturik mundua daukalako pentsamenduaren parekorik. 489.- Batzuek zerbaiten justifikazioa baino haratago ez dute ikusten. 490- Batek botila erdi hutsik ikustea aukeratzen badu ahalegin ezak ikus ditzake nonahi. 491.- Ez dago gu guztiok baino sendoagoa denik. 492.- Ura, gauzak edo gu, zerbait irakiteko zorian dago. 493.- Soro bateko eguerdiko isilean kultura osoa hil da. 494.- Ez dago gizateriaren historian heroi bat goiz batean beretik irten eta errealitateari zuzenean aurre egiten dionaren parekorik. 495.- Maila fisikoan paregabeak egiten gaituena ziur aski ez dira aurpegiaren ezaugarriak edota gorputzaren itxura, kolorea baizik. 496.- Santuen artean itzal luzeagoa izan dute bihurriek iraultzaileek baino. 497.- Intimitate bortxaketarik handienetakoa da baten bat bere baitan aterpetzen ez uztea. 498.- Planeta honetan gose, aterpe eza edo hotza pairatzen duen gizaki bat egongo den bitartetan ezin dugu libre izan, eta hori elkarrekin daukagun menpekotasun nagusietakoa da. Bestearen miseria gorriak lotu egiten baikaitu. 499.- Zerbait egiteari ekiten diogun bakoitzean funtsezkoenean amore ematen dugu. 500.- Sormena eskarmentuarekin iraungi egiten da. 501.- Unibertso honek daukan izugarriena determinazioa da. 502.- Gure intimitatea ezkutatzen dugu aurrena bere bila joan behar izateko ondoren. 503.- Aholku emaileak egoskorrak ohi dira. 504.- Bizitza daukanak dena dauka. 505.- Konplizitatea sen bat da giza arimaren baitan norberekeria bezain errotuta dagoena. 506.- Sinpleen mundua hauskorragoa da. 507.- Harrigarria ez da beti egiten duguna ulertzen duen publiko baten bila gabiltzala, maiz aurkitzen dugula baizik. 508.- Erretirorik amestuena erlijioa da, ardura eta erantzukizun ororen disoluzioa. 509.- Edozein gai sakonki lantzeak antzinakoak zein handiak ziren erakusten digu, baliabide askoz urriagoekin, modernitatearen haustura irudikeriaren atzetik ikusita. 510.- Bizitza aski luzea da zerbait ikasteko. 511.- Umearen munduan ez da ezer aldatzen, ez da inor hiltzen, dena horrela izan da betidanik eta horrela izango da betirako, zerbait gertatzen den arte… 512.- Egia bakar batek gure iragan osoa berreraiki dezake. 513.- Giza harremanak testuinguru erreal batean gauzatzen dira nolabait gizarte erakunderen batez baldintzatuta ez daudenean. 514.- Beharbada egun bat etorriko da non planetako biztanle guztiek zerbaitetan parte hartuko duten, izateaz aparte. 515.- Ametsek dena eskatzen digute, eta betetzen saiatzeko gehiena galdu behar izaten dugu, gu geu barne. 516.- Kulturak onerako eta txarrerako zure ingurutik ateratzen zaitu. 517.- Zerbait izugarrizkoa badago enbor pila batean, errautsak baitira liburuenak zeinen papera ez den oraindik osatu, udak oraindik ireki ez dituen hostoetan ere bai, gu geu edozein bazter ilunetan gautzanok, hil aurretik ere. Ez da uzta bat, ez da hor biolinik ezta oherik susmatzen, izan ezin diren gauzetako pila bat da besterik ez, izan ez diren gauzetako pila bat, dagoeneko ez diren gauzetako pila bat. 518.- Ez du inork neurtzen asmatzen ez norbere indarrak ezta norbere nekea ere. 519.- Erlojuek gu neurtzen gaituzte, ez beste inor eta ezer. 520.- Jokatzen ere ez dugu galtzen ikasten. 521.- Iraultza eta berrikuntza kontzeptuen izanak gizarteak bere bizirautea bermatzen zein efizientea den frogatzen du, erakundeen transmisio mekanismo guztiak nola babesten eta funtzionatzen mantentzen duen edozein sorrera eta edonolako hausturen gainetik, bere burua nola berregiten duen etengabe eta gizakien birjartzea ia nabaritu gabe. 522.- Logomania, zentzuari buruzko obsesioa, belaunaldi bakoitzean bizitza salbatzen digun gaixotasuna da. 523.- Europako historian ez da iparraldeik ezta hegoalderik izan. 524.- Arazo txikiagoak izango bagenitu handituko genituzke, desokupatuek egiten duten moduan. 525.- Gure barne mundua egunero zabaltzen da, orduoro, unibertsoa bezala, lotan gauden tarteetan salbu (orduan berrantolatu egiten da agian). Goizean jaiki eta geure ertzak ikustatzera ere ez gara heltzen. 526.- Bakterientzat gutako bakoitza herrialde bat da. 527.- Urruntasunak heriotzak bezainbesteko ospea ematen du. 528.- Bat bazter batean sortzen da, auzo batean hazten, hiri batean koskortzen eta herrialde batean eta munduan gizentzen, baina unibertsoan hiltzen ez denak ez du bete patua bete. 529.- Gau eta egun borrokari eusten diogu jo eta su eta gero non eta nori amore eman ez dugu aurkitzen. 530.- Hezibideak eta kulturak bakarrik eman diezagukete zehatza denez gozatzeko behar den abstrakzio maila. 531.- Inork unibertsoan gure tokia ikusiko balu, mendian euripean lo egiteagatik sendo sentitzea irrigarria irudituko litzaioke. 532.- Bizitzarik ez dagoen guneetan soilik gaude ziur. 533.- Gure garaiko heroiak eta munstroak ere objektiboaz nekatzen ez direnak dira. 534.- Hitza betetzea asaldatze erarik gordinena da. 535.- Milaka urte zibilizaziokoek ez dute mundua gure neurrira egokitzen lortuko. 536.- Kultura amerikarra kultura europarra da, beharrik gabe baina. 537.- Zein ezberdinak ikusten diren tokiak urrundik etortzean. 538.- Heriotzak bakarrik askatzen gaitu oroimenaren esklabotasun gozoetatik. 539.- Kultura bakoitzak bere esparruan induskatzen du, baina ez dute denek errealitatean barneratze maila bera lortzen. Erlatibismo eta berdintasunaren fabulek zailtasuna hartu ohi dute aitzakiaz. 540.- Hau ez da munduko antzerki handia, mozorro festa luze bat baizik, eta besterik ez. 541.- Dagiguna nonbait guztiona da, baina nekea norberarena da bakarrik. 542.- Non dena hasi zen dena amaitu zela sinesteko joera agertzen omen dugu. 543.- Absolutu orok bazterrak ditu, ozeanoak zein ura, basamortua, gaua, dirua, egia. 544.- Zerbait zaintzen duenak bere burua gutxiago zaintzen du. 545.- Norbere egia eta norbere gezurraren artean ez dago alde handirik. 546.- Giza mekanismoek eta makinetakoek ere zenbaitetan funtzionatzeko joera harrigarria dute. 547.- Posta elektronikoa, bideokonferentzia edota telefono berak ere zerbait faltsuzkoa dute. Posta fisikoak bakarrik erakusten baitu bere-betean gabeziak eta urruntasunak pribazio gisa ematen dion xarma mingotsa. 548.- Unibertso honetan bizitza definitzerik balego zera litzateke definizioa, aurreikus ezin daitekeena. 549.- Itxoiten jakitea eta larrialdiak antzemateko eta haiei aurre egiteko gaitasuna ez ohi dira batera biltzen pertsona berberengan. 550.- Umeen edertasunak helduen itsustasuna behar duela dirudi munduaren gorritasunari aurre egiteko, umeak beren itsustasun propioa garatzeko gauza diren artean. 551.- Elkar tratatzeko era berriak esploratzen gaude beti. 552.- Ez da ezer ulergarria bere ingurugirorik gabe. 553.- Norberak bere munduarekin bere erara engainatzen du bere burua, eta norbera munduarekin bere erara desengainatzen da. 554.- Arraroa suertatzen da inolako eskola okultista sortu ez izana geure orezta eta orinen konstelazioetan etorkizuna irakurtzen diguna. 555.- Desberdintasunez unatzen ez dena ez da irekia, mamigabea da. 556.- Beste errudun baten ezean, batek beti lepora diezazkieke bere ajeak gurasoei. 557.- Hilkorrak ez bagina ez geneukake infinituaren intuizioa. 558.- Dauzkagun oharkabeko giharren artean, bihotza edota arnas sistema kasu, zoritxarraren aurrean hazi edo uzkurrarazten gaituena dago. 559.- Kopuruek dena argitzen dute. 560.- Ezin da beti azturen aurka defendatu. 561.- Denbora hiriak apurtzen doa, ez hirien ideia, hiriak berak baizik, baita hiritarren bizitzak ere. Eta ez ditu inork apurrak jasotzen. 562.- Ezinezkoa suertatzen zaigu jarraibideak ez segitzen ikastea, hona ekarri gaituenak hona josten gaitu. 563.- Baten batek bere buruaz beste egiten duenean bihotza apurtzen duena ez da salba zezakeen ezer ez esan izana, baizik eta jakitea nonbait bazegoela hura salba zezakeen zerbait esan genezakeena eta esan ez genuena, berdin diolarik zein azaleko edo zentzugabea izan zitekeen; gauza da asmatzen ez genuela jakin. 564.- Urteak ez dira toki guztietan modu berdinean metatzen. 565.- Bat bere garaian zentzen da. 566.- Portuetako urak salbokonduktuak irensten ditu. 567.- Ebalua ditzakegun behar bakarrak iraganekoak dira. 568.- Denborak bere sekretu propioa dauka, izatearenaz beste, ezerezaz betea eta inertziarik gabe aurrera egiten duena. 569.- Ez dago munduan beste handitasunik geure baitan aurki dezakeguna baizik. 570.- Geure lanak plazaratu arte soilik elikatzen ditugu, maiz hazten jarraitzen ez duten arren. 571.- Gure esanahien eskekotasunean psikologoak txirotasun gorrienean bizi dira. Haiena bai dela gizatiarra, gizatiarregia. 572.- Zer eginkizun ebolutibo leukake tristurak? 573.- Urak dena sendatzen du. 574.- Gizasemeak, historia eta arte bakoitza bezala, gero eta azkarrago hazten doaz inora ezerantz. 575.- Egun batek beste batetik bakarrik sendatzen gaitu. 576.- Denok lekaideak gara munduko monasterioan, denok artzainak, denok erregeak. 577.- Gauaren magia osoa zabal dadin iluntzearen abandonua eta hotz luzea behar dira, baina egunerako ez gaitu ezerk prestatzen. 578.- Egungo gizarte mediatikoan politikariak apaizen antzekoak dira, ezin dituzte emozioak espontaneoki agertu (eta egokitzen denean antzeztu behar izaten dituzte), ez eta lagunarteko festa batean mozkortu, ez eta edozein erreakzio edo iritzi naturaltasunez adierazi ere politikoki zuzentasun eza batean erortzeko arriskuz, esaldi bakar batekin karrera politiko luze bat amai daitekeelako egun batetik bestera. Zuzentasun politikoa eta tontoena inoiz ez gogaitzea irizpidetzat dituzten komunikabideen begirada itogarriaren pean politikariek ezin dezakete beren pertsonai edo katamalo publikoa utzi edo kendu eguneko hogeita lau orduetan, urteko hirurehun eta hirurogeita bost egunetan. Moral erlijiosoaren hipokresiak pederastia eragin zuen, ea orain hipokresia publiko horretatik zer ateratzen den, beno, begi bistan daukagu dagoeneko. 579.- Izatearen egiak kulturaren atzean aurki daitezke beste inon ez. 580.- Bizitzak lurraren gainean metatzen dira mundua munduago egiteko. 581.- Jaioberriei izen bat baino gehiago jartzeko ohitura zaharrak ez du izu erlijiosoaren numen katolikoen babespean kokatzeko beharra agertzen soilik, gizakiaren izaera anitza eta helezinaren intuizioa ere bai agian. 582.- Gizakia afektuen menpean hasteko eta amaitzeko programatuta dago. 583.- Egunero iraganaren diktaduraren aurka burutzen dugun matxinadak porrot egiten du. 584.- Gorpuak izugarriak egiten dituena da: barruan ez gaudela. 585.- Idealizazioa da bikote maitasuna pozoitzen duena. Hasieran dagokion baino oxigeno gehiago sartzen baitio eta horrela azkarrago herdoilarazten du. 586.- Gizakiaren izaera jainkotiarra galdetzeko ahalmenean nabarmentzen da, erbestealdi profanoan galtzeko gaitasunean, eta baldintzapen sozialari erantzuten dakien nor bat badagoelako sinesmenean. 587.- Hondamendi morala lehen ibilaldiarekin hasi zen. 588.- Irakurtzea denbora besterik kentzen ez digun jarduera bakarrenetakoa izango da. 589.- Tximinoak gara tximinoak arrainak diren adina. 590.- Denei gustatuko litzaiguke gure hilarrian “Libre izan zen” jartzea, baina denok badakigu ez ginela izan. 591.- Historiako gailurreko uneak arteen, zientzien eta jakintzen artean bateratze uneak izan dira beti, antzinako Heladea, Errenazimendua edota Ilustrazioa kasu, eta geure buruari zera galdetu beharko genioke, ea espezializaziorako daukagun seta gure garaian ez ote den gainbehera zantzu bat. 592.- Heriotza beti bat-batekoa da. 593.- Hitz bat baldin badago gure zibilizazioa definitzen duena hori “interesa“ da, denboraren poderioz esanahiz betetzen goazena. 594.- Agian euskal gogoan gizabanakoarenaren zilegitasuna onartzen zailtasun edota susmo kultural bat egon daiteke, erromantizismotik trantsizio ez-oso bat, niaren erditasuna egungo mendebaldeko zibilizazioan eten bat bere errealitatearekiko ikuspuntu orokorra asumitzea galarazten duena, eta salneurririk garestienean ordaintzen ari dena. Baliteke batzar, biltzar eta asanbladetako tradizio errotuak, antzinako gertuko demokraziakoak alegia, eztabaida zuzenaren mitifikazio bat eragin izana gurean beharbada, gizarte orokorraren iritzia eratzeko prozesu konplexuen balorazioaren kaltean, eta horrekin batera aspaldi honetan edozein kezka sozialen inguruan “kolektibo“ bat sortzeko joera, garapen bereziak ernarazteko gauza bailiran. Egiazko kolektibo bakarra gizarte bera osoa ez bailitzan, edo gizateria bera ere hein batean, eta gure historian eta munduko historian ere “talde egiek“ aski min eta gatazka ez bailuten egin. Ezin da herrien eboluzioen izaera dialektikoa ukatu, nabaria delako, baina aurrera egiteko indarra egiten duten antagonismoen sorreran beti gizabanakoa dago. Plazaratzeko elkarrekintzez gain, tesiak gizabanakotik kolektibizatzera igarotzea talde posizionamenduen moduan ankilosazio bilakaera suertatzen baita beti, ideiak aberastu eta sistematizatu egiten dituena, bai, baina aldi berean usteltzen eta deshumanizatzen dituena, gizaseme bakarra irizpide ororen helburu eta jatorri izanik, eta talde guztiak gizartearen irudipen distortsionatu bat, itxurazko antzezpen bat, tertuliano argiak berehala jabetzen diren bezala. Egia gutxik eusten diote irekitasunari eta argiarekiko eta denborarekiko esposizioari, eta horien artean ez dago “talde egia“ bakar bat ere. 595.- Zenbaitetan nostalgia krepuskularrak hartzen gaituela dirudi; gurea iraganeko edozein garai bezain epikoa da. 596.- Ezin daiteke beste batekin zentzuz mintzatu bere buruarekin mintzatu ez bada. 597.- Haurtzaroa intimitatea besterik ez dagoen bizitzako garaia da. 598.- Etorkizuna antzeztera kondenatuta gaude iragana etengabe errepikatzen den bitartean. 599.- Jakinduriak soilik txertatzen du ezagutzaren albo ondorio nagusiaren aurka, munduaren txikiagotzea. 600.- Ez dago kosmopolitismorik abertzaletasun sublimatua ez denik, hortaz Julien Bendak salatzen zuen kleroaren traizioa ez zelarik konfesio arrazional unibertsaletik egindako apostasian burutu, kosmopolitismoari funtsa ematen zion abertzaletasun heleniarretik egindako abandonuan baizik. 601.- Ezeztea erraza da. 602.- Historia Europan eta Asian sare bat da zeinean denak, pertsonak eta herriak, beren ametsetatik eror daitezkeen lurra jo gabe eta saioan hil gabe. 603.- Kanposantuak eta baselizak aireportuan errealitate plano berean daude. 604.- Atzerrian ez dago begirunez jokatzerik. 605.- Liburuetan ez dago maltzurkeria handiagorik egileak bere buruarekin baino beste batekin mintzatzen agertzen denean egiten duena baino, zu poetikoa agerikoa ez denean gehienbat. 606.- Ipar Amerikaz… misterio bat suertatzen zaizkigu ipar amerikarren hainbat ohitura eta ikuspegi, hala nola erakusten duten elkarkidetasun kontzientzia sendoa, une larrienetan batez ere, bizitza gehiena arrabaletako etxe urrun eta isolatuetan eman arren, gu baino jarduera publiko askoz gutxiago egiten, backyardeko senideen arteko eta bizilagunen arteko barbakoez izan ezik; edota izatearen aurrean orokorrean hartzen duten jarrera materialista eta pragmatikoa, Cioranek leporatzen zien sakontasun izpiritual eza hain zuzen ere, daukazuna zarelako hilobi izugarri horren azpitik, bitartean erlijioekiko berebiziko miresmena izanik eta beren ofizioetarako atxikimendu eta dohain berezi bat agertuz, gurean egun inon gertatzen ez den moduan; edo bestetik beren eskuzabaltasuna eta elkarri laguntza emateko erakusten duten prestutasuna, versus laguntza hori bera gizarte mailan eskubide batzuen araberako eskema batean antolatzeko edozein saioren aurrean agertzen duten senezko errefusa, kolektibismoa suposatzen duelakoan; edo iragan historiko klasiko baten gabezia nola tratatzen duten, transzendentzia historikoaren eta zentzu konbentzionaleko gloriaren sentimendu nabarmen baten bidez; edo beste bat, muturreko indibidualismoa, gizarte posizioaz eta ingurukoen iritziari buruzko kezka neurotiko bat pairatzen duten buru berberetan; edota hasiera batetik irizpide eta balore antiklasistak eta antiformalistak harroin gisa aukeratu zituen herri batean formak eta itxurak inon baino gehiago modu horretan nagusitzea; edo beste maila batean, idearium meritokratikoa ildo bezala onartu izana, eta aldi berean talentu naturalez eta beste arlo batean genealogiaz eta familien historien inguruko horrelako seta jarraikorra izatea; edo bestaldetik beren probintzianismo politiko txundigarria gu baino askoz kosmopolitagoa den nazioarteko politikaren gaineko ikuspegi batean, beren potentzia bezalako errola barne; edo helezin diezaiokegun bakezaletasun mota bat egun onartezina iruditzen zaigun militarismo baten barruan; erlatibismo morala solipsismo eta integrismo moralaren baitan…; edo finean, eta igual gu gehien harritzen gaituena, beren buruei irizpide aitortzea beste kulturak epaitzeko, eta hori betiere irekiak izan direlako kultur haien balioa onartzeko edota haiengan giza kondizioaren izendatzaile komuna ikusteko bezain zuhurrak izan direlako. Europatik ikusita ulergaitzak suertatzen zaizkigu Ipar Amerikako gizartearen kontraesanak, beraien way of life eta pentsamoldeak gero eta arrotzagoak omen zaizkigu, haien dinamismoa gu etengabe gainditzea dirudiela. Agian kultur mendebaldarrekiko geure jabetasun sentimendua kolokan jartzen dutelako, gure mesfidantza eragiten baitu ezberdintasun orok, mendebaldar izateko era bakarra gurea bailitzan eta gizartearen ongizatea ziurtatzeko bide bakarra gurea bailitzan, nahiz eta hamarkadero Ipar Amerikakoak oro har Europako herriak baino aurreratuagoak daudela ematen duen, eta guk onartu baino askoz aurretiagotik Atlantikoa mare nostrum berria bilakatu den arren. 607.- Ideiek galderak luzatzen dituzte, besterik ez. 608.- Egunero munduarekiko gure urruntasuna handitzen da. 609.- Zerbait gelditzen da beti galtzeko. 610.- Zentzuaren goseak eragin duen asmakizunik nabarmenena, jainkoaren ideiaz aparte, urte bakoitzari izen bat jartzearena da. 611.- Eraildakoak nekez egokitzen dira hilerriko beren lekuetara. 612.- Baserriaren abandonuak, haren bakardade harroak, beti galtzen ari den haren edertasunak, haren mami ahistoriko eta misteriotsuak, euskaldunoi ez digu erretiroaren fantasia aztoratzen bakarrik, beste edozein kulturatan agian egingo lukeen moduan, birrosaketaren behinolako sen bat eragiten digu halaber, bestelako baldintza batzuetan dena posible litzatekeelako ustea, ez garena besteei leporatzeko behar grinatsua alegia. 613.- Denboraren iruzurrik handienetakoa ez da iragankortasuna, gure mundua jarraikorra delako ilusioa baino, iraunkorra bailitzan eta segundo bakar batean dena alda ez baliteke bezala. 614.- Izadian eta munduan dena hitzartzen dela dirudi gure koloreen bizitasuna gal dezagun. 615.- Saltzen duten eternitate fantasian parte hartzeko, erlijioek sortu ziren aroetako arropak janztea exijitzen dute. 616.- Agenda gainezkatzen den heinean premiazkoa ez dena izateari uzten doa nolabait, irrealitate guneren batean barrena atzeratuz. 617.- Egun batzuk badaude zeinetan dena atzo dela ematen duen. 618.- Denbora ahaztuta utzi duenaren bila itzuli ohi da. 619.- Heriotza guztiak alferrikakoak izan dira, heriotza guztiak beharrezkoak izan dira gu hemen izateko. 620.- Gizateria hildako bakoitzarekin garaitua suertatzen da. 621.- Munduko errege egin ginenean mundu izateari utzi genion. 622.- Historiak eta poesiak gertakari konkretuei izena jartzeko bokazioa partekatzen dute. 623.- Zeruko marrak ikusi edo irakurri nahi dituztenentzat soilik daude han goian. 624.- Batek gainontzekoaren gainean euri egin nahi badu, azkenean lehortu egiten da. 625.- Kategoria absolutuetan pentsatzeak, eternitatea kasu, eginkizun ebolutiboren bat behar du izan, baina izaki dagoeneko kontziente bat bizirauten saiatzen zen arokoa. 626.- Azterketarik ez dago sinplifikaziorik gabe. 627.- Nolakoak lirateke espainiarrak Penintsula eta Amerikako espazio ireki handietan elkarrengandik isolamenduan herri bezala hazi beharrean lurralde estu batean bizi behar izan balute? Holandarren modura adibidez? Hegoko inbasio batek bultzatuta Iparrean konprimatuta jarraitu behar izan balute mende ilunetan egon ziren moduan? 628.- Heriotzak eragiten digun deskokapena hein handi batean gertakizun bakuna izateak sortzen du, ulerkuntza kulturalentzat zeinen gainetik zibilizazioa eraikitzen den helezina. 629.- Zergatiak deskribapenen baitan sartzea diskurtsoaren iruzur sinple baina eraginkorrenetakoa da. 630.- Harrigarria ez da iraganaldia idealizatzea, orainaldiarekiko zabarkeria baizik, gehienei denbora madarikazio bat bezala erortzen baitzaie gainera. 631.- Hilobiak ere zahartu egiten dira. 632.- Gure adimenak irauten duena bakarrik egia izan daitekeela usteko joera garatu duela dirudi. 633.- Hilerria, txikitutako subjektuen lorategi hori non arima galdu bakarrak bisitariak garen. 634.- Euriak uretatik erabat ateratzen amaitu ez dugula gogorarazten digu. 635.- Betetzen goazen urteak beste haurtzaro dauzkagu. 636.- Okerrenean ere gizakia zerbait idealaren bila dabil. 637.- Edozein ezagutza motak mundua txikiagoa egiten du, edozein ezagutza motak mundua handiagoa egiten du. 638.- Shakespearengan besteak beste zera ikus dezakegu, mamuak alde egin zutenetik soilik gure kontzientziak isiltzeari utzi ziola eta erruak leporatzen hasi zitzaigula. Mamuak esanekoak omen dira, nahi dugunean eta nahi dugun eran badatoz eta badoaz, entzun behar duguna diote eta nahi edo behar dugun beste beldurra eragiten digute, ez gutxiago ez gehiago. 639.- Ardurak gure kontzientzian gosea eta asea eragiten du, baina ardura hutsak ez du ezer konpontzen. 640.- Gure baitan dauden mundu apurrak edo islak besterik ez gara. 641.- Irauten duten gauzek ziurtasun sentsazio bat eragiten digute, zeinaren faltsutasuna irauten ez duenak agertzen baitu. 642.- Estatu Batuetan etxeak zurez eraikitzen dituzte bien bitartean soilik bizi direla onartzen dutelako. 643.- Bazter bakoitza mundu bat izan liteke, izan daiteke. 644.- Munduko ur guztiak nahastu egiten dira guregan. 645.- Zenbat elkarrizketa ez ote dautza azpiegitura eta eraikuntza bakoitzaren azpian. Hartu-emanen arkeologiak paperetan aitzurtzen du, beste inon ez. 646.- Seme-alabek munduan beste ezerk eman ezin diezagukeena ematen digute, zentzua. 647.- Jainkoak lurraren gainean guk gure iraganaren gainean daukagun antzeko ikuspegi eta ahalmenak izango ditu. 648.- Irakurtzeko dauden liburuen kopurua, etengabe areagotzen doana, hilezkortasuna nahi izateko zio nahikoa da. Ikasteko hizkuntzak, ezagutzeko munduko bazterrak, egiteko lagunak, izateko amodioak, taberna urrunak non arrats-gauak alferrik galdu… eta halere iristen garenerako kaleko hizkeran bestelako hitzak eta esamoldeak erabiltzen dira, txokoak aldatu dituzte eta pertsonak hazi egin dira eta ezberdinak dira. Liburuek ere beste gauzak esaten dituzte… Goazen lekuetara heltzerik ez dago, eta gure frustrazioa ez dator denbora ezin luzatzetik, ezin zabaltzetik eta itzultzetik baizik. 649.- Ezta jainkoak ere ez du bere burua denontzat garrantzitsu egitea lortu. 650.- Zentzurik ez duten gauzek ez dute irauten, eta zentzudunek ere ez. 651.- Jendea ez omen da berriaren superstizioan erortzeaz nekatuko. 652.- Estatu Batuetan ez dago santurik apenas, haientzako Testamentu Zaharra Europan gertatu zelako. Iberoamerikan aldiz santu franko dago, jatorrizko zibilizazio baten pobrezia-aberastasuna gordetzen dutelako, ez baitira gure seme-alabak. 653.- Zibilizazio bat zera da, ureztaketa instalazio zabal batek eragindako uzten ziklo bat, non inperio batek hoditeria eta kanalizazioak (legeak, erakundeak) ezarri dituen eta beste kultura batek ura (baloreak, ametsak eta ideial estetikoak) isuri duen. Gauza da historian zehar herriek praktikoak edo espiritualak izateko joera erakutsi ohi dutela, anitzak eta hainbat mendeko bizitza luzea izan arren, eta orokorrean ura bildu duena ez dela banatu duena. Inperio bat ez baita baloreen kontu bat, nahiz eta zenbait balore irizpidetzat edo oinarritzat izan, logistika kontu bat baizik, eta hortaz zori historikoak nahi izan baitu etnia sortzaileek jasotako eta gordetako ur preziatua beste herri hedatzaile eta pragmatiko baten ontzi solidoagoetara pasatzea. Horrela, adibidez, Heladeren jarauntsia Erromako tutueriatik etorkizunera jario zen, eta geroko katolizismo judeo-erromatarra Espainiako esklusetatik hedatu zen beste kontinenteetara. Salbuespen nagusia Iraultzako Frantzia liteke agian, gizakiaren jatorrizko eskubide eta askatasunen birusak Napoleonen armaden bizkar zorro propioetan bidaiatu baitziren. 654.- Badaude esandako esaldi batzuk denboran zintzilik geratzen direnak, non euskarritu aurkitu ezinik. 655.- Psikologiaren eta erlijioaren salmentan salneurrien arteko aldea justifikatzen duena ez omen da gaiaren kalitatea, huskeria bera biltzen duen paperaren kalitate historiko–kolorista ezberdina baizik, alde batetik batak antzinakotasunaren eta sustraitzearen aitzakiaz hilezkortasunaren plazeboa eskaintzera ausartzen den bitartean, besteari tradizio sekular motzak lurrean zoriontasunaren edota betetasunaren plazeboa eskaintzeko besterik ez diolarik ematen. Merkatari finen ukitua nabaritzen baita hemen ideien azokan, zabor izpiritual bera bestelako ontzietan poteratuta eta bestelako etiketekin saltzen delako bizitza egunen truke salneurri erabat ezberdinetan, bata garestia eta bestea merke samarra, horrela eskasi boladetan ere gezurren hornidura ondo ateratzen dela bermatuz. 656.- Ziurgabetasunen mundu batean ziurtasuna bertute nagusi eta estimatuena den era berean, antsietate giro batean askikeria da jasanezinena suertatzen den handiustea. 657.- Zientziak eta ezagutza eremu orok, kanpoko errealitate delako hari gertuketa objektiboenak egiten saiatzen direnak ere, giza kondizioa esploratzeari ekiten diote, besterik ez. 658.- Ez du inork iruzurtzat hartzen norbere oroimenaren gezurrez engainatua izatea. 659.- Bizitzako boladetan, zeinetan familia, lagun edo kideen konpainiaz babestuak izan garen, ereindakoa hazi ohi dugu bakardadean. 660.- Tratu publikoa idealizatzen irakasten digute, egiatan gehienetan degradatzailea den arren. 661.- Bizitza hain laburra da, eta izateko esperientziak horren zabalak eta anitzak, ezen zaila suertatzen den garrantzitsuenak diren ala ez hautemateko paradak aurkitzea eta sortzea. 662.- Jo eta su arraunean aritu arren, ez gara lehenago helduko mundu-lasterrean sinpleki flotatuz baino. 663.- Planeta osoa oihukatzeko daukagu eta oihartzuna itzultzen diguten txokoetara jotzen dugu behin eta berriro. 664.- Gutunak geure buruari idazten dizkiogu. 665.- Edari eta jaki makinen aurrean lan talde bat tarte bat hartzen ari da giro formal batean. Haietako batek txanpona sartu baina makinako gailua trabatu egiten da, eta ez daki zer egin berak, egoera deseroso batean aurkitzen da. Ez dago inor nori kexa bat zuzendu, eta familiarra ez zaion jende baten aurrean ezin kolpeka eta bultzaka hasi, baina ezer ez egiteak ere lotsa eragiten dio. Zer da ba lotsa eragiten diona une hutsal horretan, ba ezusteko desatsegin baina garrantzirik gabe horrek kolokan jarri duela gaur egungo gizarte bizitzako itxurazko taburik nagusienetakoa, askikeria. 666.- Hazi egiten gara, zabaltze hutsaz, desagertzea eragiten duen erabateko sakabanatzeraino. 667.- Mundua ispilu handi bat da, ematen dioguna besterik ez digu itzultzen, eta zenbaitetan, behin bederen, hori ere ez. 668.- Erlijioaren arerio nagusia ez da eszeptizismoa, banalizazioa baizik. Erlijioaren belarra garrantziaren lurrean haz daiteke, beste inon ez. 669.- Ez dago metodorik umeak gaizkiari aurre egiteko prestatzen dituenik, baina, harrigarria bada ere, zintzo jokatzeko prestatzea da emaitzak lortzen dituena. 670.- Belaunaldi bakoitza hobeagoa izan daiteke, belaunaldi bakoitza hobeagoa da, belaunaldi bakoitza okerragoa da. 671.- Bizkarrezurra gure Babel dorrea zen eta da, eta eraikitzeari ekiten diogu uneoro geure bi hanketako zutitasun fantasiari eusteko nahian, baina makurtuta dirau, erortzeko zorian ia beti. 672.- Estatu Batuetako inperioaren kasuan harrigarria ez da agintearen sotiltasun morala ez mendekotasunaren izaera ekonomiko eta kulturala, metropoliaren tamaina baizik, herria berari begira bakarrik ez dirudi inoiz horrelako esparru zabalean kultura bakarreko elkartasun bat garatu denik planeta osoan, Txinaren salbuespenarekin agian, eta ez da inoiz jabari kolonial bat eraiki munduan zehar horren oinarri trinko baten gainetik, zeinean metropolia gune kolonizatua eta eragin eremua inoiz baino askoz sendoagoa dela ematen duen. 673.- Umezaroan eta gaztaroan gure mundu espiritual osoa nagusitzen dela sinestera iristen gara, eta gehienetan sinesmen horren baitan bizi gara heldutasunean ere, noizbait gertakarien metaketa hutsak edo adinaren efektuek gogorarazten diguten arte mundu izpiritual oso hori inguru fisikoaren funtzio bat besterik ez dela, eta benetan den bakarra bizitzara heltzean ikusi genuen materia bakuna dela, gure irudimena ahalbideratzen eta betetzen duena, berez garatzen eta eta eraldatzen dena, eta berarekin espiritualtasun oro sortzen eta desagerrarazten duena, gu barne subjektuk bezala, sortzen eta desagerrarazten. Heroiak, maiteminduak, artistak eta egia esan gizaki guztiok gure mundu espiritualean bizi gara, besterik ez balego bezala eta guk azkenean zerbait erabakiko bagenu bezala, asmatzera iritsiz ere ez garela benetan garena (materiari izatea patetikoki ukatuz) helezina den bestelako zerbait baizik, arima, gure ni erreala omen zeinari materian trabatuta gelditzea gertatu zaion, eta nondik etorkizun batean askatuko garen zeru batera igarotzeko (geu bakarrik, beste animalia edo bizidunik ez) non materiarik ez den egongo; eta hori historia batean zehar non gizaseme bakoitzari gaixotasunek, istripuek eta gehienbat eguneroko mugek etengabe lotzen eta jotzen zuten eta zerk agintzen zuen agertzen zioten bitartean. Zientziaren garapenaz ikasi eta onartu ez dugun arte zein den aurrera egiteko bide bakarra ez diogu materiari leku xume bat onartu gure hiperunibertso izpiritual erraldoian, eta hori gogoz bestera eta behartuta ia. Materia gaixoa, jakingo balu berak zein handiak garen, zein mugatuta dagoen bera, ez gu, eta zein askeak garen… 674.- Lurrak bere intimitatea igarotzen du unibertsoaren baitan. 675.- Historia idazten da eta herexak induskatu egiten dira gizaki talde bakoitzak lehenengo belaunaldi kontzientea dela uste duelako. 676.- Egunero gertakarien suharriari irakaspen baten txinparta kolpeka erauzten saiatzeari ekiten diogu, inolako aukerarik ez dagoenean ere, gure aurrera egitearen sua biziraunarazteko asmoz. 677.- Baten batek ekarri gintuela dirudi hau guztia sostengatzeko eta ibilian mantentzeko, eta zainduko duen hurrengo belaunaldia sortzeko eta hazteko, besterik ez. 678.- Etorkizunean gaur baino tradizio gehiago egongo da, eta ez metaketa hutsagatik soilik, etorkizunak iragana zabalduko baitu. 679.- Kultura herrikoiak urtero belar, lore eta zuhamuxka ereintza galanta bultzatzen zuen eta duen bitartean, non goi kulturaren zuhaitz lerdenak haz daitezkeen, masen kulturak bere aldetik, adin-nagusitasunera XX. mendean heldu den unetik, gizasemearen arimaren oroimen ilunean meatzaritzari ekiten dio bakarrik. Pribatutasun kontzeptu bera ere kolokan jartzeaz aparte, esklabotasun garaietatik ikusi ez zen bezala, sineskeriak Ilustraziotik salbatzen saiatzen da jo eta su, irudi eta soinuaren erregistratzeko sistema berriak erabiltzen ahaleginduz izpirituen izatea `frogatze’arren, eta halaber behin egia diskurtsoen ezaugarri prestigiotsu bat besterik ez dela onartzea lortu duelarik, arte gehienetan genero berezi bat sortuz izpirituen izate hori biziagoki irudikatzen duena. 680.- Uzkurtzerik gabe sakontzerik ez dago, arrain abisalen modura denboraren poderioz presiora moldatzen goazen arren. 681.- Egiatan ibaiak bezalakoak gara, ozeanoa osatzera destinatuak, baina bidean nonbait lurrunduta galtzen direnak gehienbat. 682.- Batek ideia oso argi bat daukanean ez ditu bere baieztapenak besterik ikusten nonahi, baina ideia hori bera baztertzen duenean bere ezeztapenak dira edonon ikusten dituenak. 683.- Gure nahiak dira gure arazoen neurria ematen dutenak. 684.- Hamarna bizitza xahutzen ditugu aukeraketa bakoitzean, baina aukerarik ez dago bizitza bat bizi nahi badugu. 685.- Anakronia ilustratuen oholtza da izatearen mina arintzen duen ariketarik bakarrenetakoa, eta nostalgia ez bezala hordigarria edota astuna suertatzen ez dena, galera zirrara ergel bat albo-ondorio gisa uzten duen arren. 686.- Handikeria funerarioek galdera ikur bat ezartzen dute Darwinen tesiaren gainean. Zer eginkizun ebolutibo betetzen du gizabanakoaren ahanzturarekiko beldurrak? Besteengan bizirauteko grina edota iraupenaren fantasia eragitea ote? 687.- Gaztetan edozeinek munduko pisu osoa sumatzen du sorbaldan, zuzengabekeria, ezbehar eta ankerkeria ororen ardura, eta iraganeko gertakari historikoen berri izatean ere sumindu egiten da. Zahartzaroan berriz norbera egin dezakeenaren irismenaren mugez jabetzen denean, zinikoa ez izatea erronka bakarra dela dirudi. 688.- Telefono soinuak nolabait deiaren eta oihuaren arteko tartea aurkitu du. 689.- Bizitzak aurrera egin ahala zera deskubritzen goaz, pertsonek zenbat eta moldatze arazo gehiago izan orduan eta besteei mundua nola doan azaltzeko irrika gehiago agertu ohi dutela. Bizitza bera bere osotasunean ez dago ulertzerik, jakina, baina gizarteko elkarbizitzan oinarrizko harremanak, funtsezko elkarrekikotasunak, begirune eta pribatutasun perimetroak eta ahaleginen (ez zortearen) arabera gertatzen diren gauzak ulertzeko edo onartzeko zailtasun gehiago izaten dituztenak izan ohi dira gainontzekoei gai horiek gidatzen dituzten arauak edota irizpideak erakutsi nahian dabiltzanak oldarki, irakasteko seta hori moldatzeko ezgaitasunaren zantzua delarik. Eta zeresanik ez gaitz hori ezagutza arlo bihurtzen saiatzera iristen direnak, auto-laguntza titulupean. Noski ezaguera ororen iturria existentziari geure jatorrizko moldatu ezina dela, bizitzarekiko geure alteritate sentipena, baina norbere buruari mundua azaltzeko beharra eta mundua aitzakiatzat hartuz norbere burua besteei azaltzeko beharraren artean badago aldea. 690.- Nork esan diezaioke umezurtzari gizakia zeluletako bilketa aleatorio bat besterik ez dela. 691.- Gizakion nortasuna horren konplexua da ezen beti aurki baitaiteke aitzakia bat edo beste edonori buruz ongi edo gaizki mintzatzeko. 692.- Zibilizazioa aukeren etengabeko sorreraren gainean sostengatzen da. 693.- Errealistarentzat iraganean gertatu zen orok gertatu egin behar zuen, zaila izaten delako errealismoa determinismotik bereizten. 694.- Erlijioek askatasunaren subiranotasuna eman digun jainko bat nahi dute, gezurra esateko gaitasuna eman digun bat ezin luketelako onartu, edo saldu. 695.- Etorkizuna hemen zegoen dagoeneko. 696.- Zerbait badago zibilizazio arrazionalean gure sentimenduen izaera erreala onartzea galarazten diguna. 697.- Bizitza berarekin egiten duguna da, ez gehiago, ez gutxiago ere. 698.- Denborak aurrera egin ahala berria berriagoa da, eta zaharragoa aldi berean. 699.- Gure gogoaren zoruan nortasun euskalduna, latinoa eta europarra aurkitzen ditugu ahalegin handirik egin gabe indusketa arkeologiko bateko jalkinen modura, edozer agertu edo artikulatu baino lehen edota ondoren. 700.- Gizarte mailan defenda dezakeguna besterik ez gara, eta horregatik mundu guztiak umeak, zaharrak eta makalak oro har baztertu egiten ditu. 701.- Ez da inor bere gorputzaren konplexutasuna ulertzeko gai, eta gutxiago ere asumitzeko edota menperatzeko, hori bera jainko edota izaki espiritualengan sinesten hasteko zergatietako bat izanik. 702.- Ondorengo gertakari batek bakarrik eman diezaioke garrantzia aurreko bati. 703.- Sektarismo kristau gandutsuak erromatarren zibilizazioaren goreneko hiru osagaietako bi, ingeniaritza, hitzaren zentzu zabalean (gizartekoa eta industriala), eta zuzenbidea banpirizatu egin zituen, eta inperio bera ere azkenean suntsitzea lortu zuen hirugarrena erabat erauziz, estatu hura eraikitzea eta zabaltzea ahalbideratu zuen aurrekorik gabeko tolerantzia erlijioso eta kulturala. Egia da baita ere zibilizazio haren hutsune eta bizio nagusiak gainditzen lagundu zuela, esate baterako jokoen eta ikuskizunen izaera odoltsua, esklabotasun edota genero eta gizarte klaseen arteko ezberdintasun gorria, baina horrek eta latinaren finkatze eta salbatzearen aldeko egindako ekarpenak ordain txikia dirudite hondatutako osoaren alboan, eta Gizateria mila urteko superstizio eta sektarismopeko iluntasun batean sartu izanaren alboan are gutxiago. 704.- Ilustraziotik jaiotako zibilizazioaren bekatu larri bakarra neurgarriaren esklabo egin izanarena da. 705.- Sentiberatasun zaurituen lurrean beste inon ez da hazten misantropiaren gangrena. 706.- Askatasuna ontzi bat da, barruan dena eduki dezakeena, ez daukalako ezer. 707- Berrehun eta berrogeita hamar urte eman ditu Europak dagoeneko erlijioaren oskoletik ateratzen, Erdi Aroko ilunpetik Antzinateko eta etorkizuneko argitara itzultzen, eta ez du erabat azaleratzea lortu oraindik. 708.- Humanitateak lantzeak aiurri artistikoak orekatu ohi ditu, urteen poderioz hunkipen eta laidoei aurre egiteko perspektibaren antigorputzak inkubatzen dituelarik, eta horrela beharbada ez ditu odol jarioak gutxitzen, baina bai ziur aski zauriak lehenago sendatzen eta orbantzen laguntzen duela. 709.- Gehienetan baliabideak iristen direnerako helburuak aldatu egiten dira. 710.- Ez dago erromantikorik insomnioduna bezala, berak sentimendu eta baloreen alderantzikatze absolutua garatzen duelako. 711.- Sekta kristauak Antzinate Klasikoa eta latina hozkeriaz akabatu zituen formolean gordetzeko, eta horregatik ez da paradoxa Errenazimendutik aurrera Erroma eta Heladeko argia arakatzen hasi zirenean latinaren gainbehera hasi izana hizkuntza kulturala gisa. Ez da egia alegia latina Errenazimenduan hiltzen hasi zela hizkuntza erromantzeen loraldi literarioaren eskutik; latina hilik zegoen Antzinate argitsua eta kultura klasikoa eraila izan ziren unetik, eta monasterio zein kalonjetzetan, eta unibertsitateetan ere, haren momia zen erabiltzen zena. Errenazimenduan gertatu zena zera da, latinaren seme-alabek zorutik altxatu eta duintasunez eta errespetu osoz lurperatu zutela, bere oroimenak iraun zezan eta bere seme-alabetan, eta bere seme-alaben seme-alabetan bizi zedin. 712.- Bakardaderako astia aurkitu behar da. 713.- Jainkorik baldin badago literatoen joko bera jokatzen du gurekin, elipsia. 714.- Helduei gizarteei gertatzen zaien gauza bera gertatzen zaie, horren bizitza konplexua daukatela ezen edozein gauzak edo gertakarik, dena delakoa, berehala galtzen baitu garrantzia, beti erlatiboa baita. 715.- Interesatzen zaigun oro mundu honetan dago, zientzia fikzioa ere bai. 716.- Ez ohi gara besteei azaltzen saiatzen, guk geuk ulertzen ez duguna baino. 717.- Jesusen mezu erlijiosoaren erakargarritasun ia eutsiezina honako honetan datza, ordurako eta ordutiko moralista ia ororen mezua kontenziozkoa zelakoan, zuhurtziazkoa eta proportzionaltasunezkoa, sakrifizioan ere, izarizkoa, eta Jesusenak aldiz gainezkatzea aldarrikatzen du, maitasunak suposatzen duen galera eta besterentzea. Ez azken batean senak iradokitzen duen kontserbaziozkoa, kontsumaziozkoa baizik. 718.- Ez dago bideak badaudela bezalako gezurrik. 719.- Ez dugu inor inoiz erabat ehorzten lortzen. 720.- Gure galdera handiek argi hutsak zentzua daramala horren sinplea den egia bat ulertzea galarazten digute. 721.- Trenak pasatzen berandutzen dira. 722.- Bakardadeak gainontzeko guztia azaltzen du. 723.- Maitasun galduek eta atsekabeek balizak lagatzen dituzte geure barneko uretan, kandela piztuak gure barrunbeetan inoiz itzaltzen ez direnak; egun batean ez baldin baditugu ikusten, aditzen edo usaintzen… horrek hilda gaudela esan nahi du. 724.- Ia belaunaldi bakoitza horren harroputza da, non mundua amaitzen baitu pentsatzen jartzeko, egiten duena apur bat gehiago hondatzea besterik ez den arren. 725.- Gizasemea akaso izaki bizidun bakarra da bestelako gauza bat izatea amesten duena. 726.- Ihes egiten jakitea bezain garrantzitsua da itzultzen jakitea. 727.- Gure hilobian gure gorpua etzango da, baina gure gorputz helduaren baitan izan ginen ume haren gorpua eta arima dautza. 728.- Azkeneko guduez ere arrazoia nortzuk zeukatenetz eta norekin bat etor gaitezkeenetz ari gara. 729.- Hizkuntza bakoitzak bere arau gramatikal propiok asmatzen ditu. 730.- Geure jainkoak gara. 731.- Ez dago gardentasuna bezalako kamuflajerik. 732.- Modernitatea gure gogoa diziplinatzen saiatu izan arren, une bat iritsi ohi da zeinean zenbakiek ez duten ezer adierazten. 733.- Eboluzioaren ekuazioa jatorri ezberdineko bi espezie diferentek egokitzapen erantzun berberetara iristen direnean ebazten da. 734.- Masen kulturak zibilizazio bat honda dezakeenik zalantzan ipintzen duenak Erroma begiratu beharko luke, nola zirkoak mugak defendatzen edo zabaltzen erabil zitezkeen ehunka mila gerlari bikain akabatu zituen hondarraren gainean ergel multzo baten behe ikuskizunen egarria asetzeko, edota ipuin kristauak tolerantzia erlijioso eta kultural integratzailea nola erauzi zuen erabat. 735.- Ideia edo amets orok afektuen eta dedikazioen ekonomia propio eta berezi bat eragiten du. 736.- Iraganak ez dio gezurrak esateari uzten. 737.- Mundu guztia isilik, norbera espektroa delako ustean, besteei, gainontzekoei, bizidunei begira. 738.- Ez dago matxinada handiagorik bati tokatzen zaiona baino luzaroago bizitzea baino. 739.- Itzulpenak ahots baten oihartzunak dira erdara bakoitzaren izpirituan burrunba egiten dutenak. 740.- Modernitatearen diskurtsoan nahasi ohi da moderazioa, mezuaren testuinguruan kokapena bezala, eta fragmentazioa, ispilu kritikoaren haustura bezala. 741.- Denborak dena iritziaren paperean biltzen du, gertakariak objektuen gisara eta guregandik beste eginda agertuz. 742.- Nagiak izaten dira zerbaitetarako berandu dela antzematen duten aurrenekoak. 743.- Hizkuntzek manipulatzailearen kontzeptua eta hitza sortzeko ausardia adina izan dute, besteak baino gehiago oraindik manipulatzen dutenentzat. 744.- Ez ditugu ideiekiko leialtasunak pertsonekiko leialtasunetatik bereizten. 745.- Objektiboa denak ere ez ohi du geure burua konbentzitzen. 746.- Gure patuaren aurka erreboltatu ginen egun hartatik, unibertsoaren lege eta indarrik funtsezkoena hautsiz, grabitatea hain zuzen ere, geure gorputza lurretik altxatuz, daukagun oro inondik gure etengabeko iraultzatik baino atera dugu; eta halere termino historikoetan ikusita atzeratzen gaituen errealismo, zentzu praktiko, balazta erreakzionario edota edonolako tradizionalismorik gabe bidetik irtengo ginen akaso. Ez dezagun gure burua engaina, epe motzerako begirada da aurrerapen handiak ekarri dizkiguna. 747.- Esklabotasunaren eta mendekotasunaren fantasiak emantzipazioaren fantasiarekin ordezkatzen saiatzen gara. 748.- Hiltzeko era heriok harrapa gaitzakeen une ezberdin beste daukagu. 749.- Ez dugu inoiz onartzen amaituko zein garrantzirik gabea den gauzak errazak edo zailak suertatu izana. Ez dio inori axola gauzak lortzea zenbat kostatu zaikigun edo non edo nola ikasi edo eskuratu ditugun. 750.- Ezin dugu bi aldiz murgildu jende berberean. 751.- Grinak eta beharrak soilik dakite konstantzia elikatzen. 752.- Hiltzearekin eteten den bakarra nia da; zerbait gehiago etengo balitz unibertso osoa hilobi bat besterik ez litzateke, bere burua bisitatzen legokeena behin eta berriro. 753.- Kristautasunak ez zuen Erromatar Inperioa suntsitzearekin aski izan, ezta bere gainetik astunki esertzearekin ere konkista irain gisara. 754.- Atzerritarrari ahultasuna eta esposizioa ez datozkio bakarrik hizkuntzaren arroztasunetik, harreman eta ohituren ezjakintasunetik, aterpe finko fisiko edo psikikoren ezetik, erakundeak nola erabili behar direnen berri ez izatetik, deserrotzetik, senitarte edo bestelako segurtasun sareren gabeziatik edota edozein egoeratan besteen ezaxolagabekeria hotzagoa egitetik, baizik eta, halaber, nagusiki akaso, bere berehalako errealitatean murgilduta gizarte orokorreko goi kultura eta erretorika politiko eta mediatikorekin kontakturik ez izateak eragiten dion isolamenduak bereziki zapalgarria egin izanatik. Kanpotarraren auto-exijentzia zibiko eza berari eskatu dakioken edonolako eredugarritasun zibikoa bezain lekuz kanpo dago. 755.- Erloju eta egutegirik gabe astiroago haziko ginateke eta lehenago zahartuko ginateke. 756.- Horrenbeste urteren ondoren ez dakigu zer den aurpegian irakurtzen duguna. 757.- Ez dago izpirituaren gaixotasun sofistikatuagorik iraganaren hainbat gertakari zehatzekiko atxikimendua baino. 758.- Batek ez ohi daki noiz bilakatu den iraganeko norbait beste batentzat. 759.- Errealitate beraren gainean etengabe eratzen ditugun perspektiba berrien artean susmoa akaso arriskutsuenetakoa da, ez bakarrik pertsonei buruz ikuspegi erabat ezberdina ematen duelako, geure besteak epaitzeko eta aurreiritziak osatzeko joerak elikatuta fantasia badelako ere arrazionaltasuna eta sen onaren balazta gutxienetakoa daukana. 760.- Konbentzioren batez maleziazko edota ironiazko iruzkinak konfiantza edota etxekotasuna eragiten dute pertsonen arteko harremanetan, edo ustez eragin behar dute behintzat. 761.- Soberan izatea lortzen dugun denbora gal dezakegu bakarrik. 762.- Estolda-zulo-presak gara, gainetik datorkigunetik atxiki dezakegunaz ia soilik bizi gara, edo ugal dezakegunaz. 763.- Zentzu praktikoa, zentzu praktiko izugarria geure beldur eta itxaropenengandik alienatzen gaituena. 764.- Egunero gure iraganaren zati bat bederen lurperatzea bageneuka. 765.- Mamuak mamuak dira oroituak diren bitartean. 766.- Erlijioa ez zen hasi lehenbiziko izarpe eta babesgabetasunekin, ez lehenbiziko intuizioekin, heriotzaren inguruko lehen jabetzeekin edota lehen galera eta ehorzketekin ere, ezta ustelkeriaren eskarmentuarekin ere, ez aldaketak eta zikloak ulertzeko ezintasunetik edo eragiteko nahietatik, ezta lehen zurztasun garrasiekin ere; filosofia grekoa piztu zen puntu berean ernatu zen erlijioa, paradoxikoki, izatea guregandik zerbait beste zela antzinako gizakiaren susmoarekin, izatea ongia zela, eta gu izatearekiko beste zerbait baginenez litekeena zela beregandik urrun egotea eta litekeena zela ere beregana gerturatzea. Horretaz ustezko egiazko errealitaterako bidea aurkitu eta erakutsi behar izana, bertaratzeko edo hobeto esanda itzultzeko (noizbait egiazko izatetik egotzitakoak omen ginen), arauak izendatu eta jarraitu behar izana, zentzua azaltzekoa, geure burua osatu beharra… 767.- Ehundik gora urtez biziko bagina ez ginateke txarragoak, txarragoa mundua litzateke. 768.- Sortu dugun munduan ez omen dago ezer elektrizitate eta diruarekin ez dabilenik. 769.- Denak zentzu praktiko bat dauka, izango ez balu ez litzateke existituko ere gure gogoan. 770.- Zerbaiten jakin-mina pizteko hainbat era badaude, baina zerbaiten jakingura galaraztea zailagoa litzateke. 771.- Jarauntsiengatik ez balitz ez luke inork jadanik heriotza aipatuko. 772.- Kristautasunak Erroma suntsitu zuen printzipioz antitetikoak diren bi ideien aleazio batez: ordura arte ezezaguna zen misteriotsuarekiko erabateko alienazio bat, alde batetik; eta berdinak garela eta gizabanako bakoitza baliotsua dela ustea, zibilizazio erromatarrari mila bat urtez helezina suetatu zitzaion pentsamolde bat, bestaldetik. 773.- Kulturak zibilizazioak izatera igarotzen dira beren partaideak setak baino ideiak izatera igarotzen diren heinean. 774.- Denok gara beste baten fundazioak. 775.- Kristautasunaren arrakastaren neurria Erroma banpirizatu zuen heinak ematen du. Jazarpenen eta martirien kondaira ofizialaren itzalpean ez dago azterketa sakon edo zorrotzik egin beharrik kristau erlijioa Erromarik gabe zer gauza gutxi zatekeen irudikatzeko: egitura hutsetik abiatuta, adibidez, eta saldutako mito ororen modura, kosmosa zeharkatzen duen ustezko izpiritu sendotasunak izan arren, erromatar ingeniarien nazioarteko galtzaden sarerik gabe eta latinaren hizkuntz baliabiderik eta barne logikarik gabe zertan geldituko zen judutasun mota hori, sekta lokal batean ziurrenik, eta hori irautea lortu izan balu. Bizkarroitasun hori zenbateraino izan zen deliberatua eta kalkulatua erreparatzeko ez da mugimendu nabarmenenak kontuan izan behar besterik: non kokatu zen erlijio berriaren egoitza sakratua, hiriburua? Belenen? Nazareten? Jerusalemen ote? Ez, Erroman bertan, inperioaren bihotzean; eta erlijio berriaren festa nagusia noiz finkatu, Jesusen jaiotza ospatzen duena alegia? udaberrian?, ebanjelioek kontatzen dutenaren arabera gertatu zenean? Ez ba, Erromako festa nagusian, Saturnalietan, Solis invictus ospatzeko senitarteak biltzen, oturuntzak egiten eta elkarri opariak ematen zizkioten egunetan eta kalean jaiak antolatzen ziren sasoian, halabeharrez une hartan bertan jaioa baitzen Jesus. Hizkuntza sakraturik? Bai, latina bera jakina, ez arameara ez hebreera; latinaren adierazgarritasunak eta lingua franca status garatuarenaren odola erabat edan arte. Eta hortik zenbat tenplu, kultu leku, ohitura, tradizio eta abar okupatuak eta garbituak izan ziren atera kontu, numenak adbokazio marianoetan bihurtuta barne, eta etika greko erromatar klasiko beraz ere jabetu eta berridatzi arte. Zergatik ote zen kristautasuna Erromak esetsitako erlijio bakarra, Erroma hark bere hedapen mundiala tolerantzia erlijioso, filosofiko eta politikoaren gainean eraiki zuena? Ez al zuten asmatu agian jainkotutako enperadoreak jauresteko errefusapen horren atzean beste zerbait ikusi zutenak, Erromako eta orokorrean zibilizazio klasikoaren balore guztiak eta gizakiarenganako sinesmenarekiko jatorrizko intolerantzia bakan bat ausaz? Ez dago ikusi besterik Erromarekin eta mundu klasikoarekin oro har zer gertatu zen kristautasuna nagusitu zenean, gainontzeko guztia erauziz… 776.- Egiazko tabu bat bilakatu da heziketa unibertsalak guztiok prokusto bihurtu gaituela aipatzea, arlo gehienetan, finean ez dagoelako beharbada demokrazia bezain zoragarriki intolerantea den sistemarik, bere asetasun jabetasuna barnean arrazionalizatuta baitauka. 777.- Bizitzan bati gerta dakioken okerrena norbait bat izatearen esklabo bihurtzea da, inor ez izateari eutsiz soilik jarrai dezakelarik batek unibertsoko errege izaten. 778.- Bizitza animalien gisara berriro gozatzeko geure baitako kobazulotik atera behar dugu. 779.- Heriotza ez da bakarrik gure gorputzak munduarekiko esposiziotik hartzen duen atsedena, gure arimak gure pertsonaiarengandik hartzen duena ere bada. 780- Paisaietan zapata konpontzen ari dena zapataria da eta ogia egiten ari dena okina da. 781.- Ez zaizkio inoiz faltako defektuak ikusi nahi dizkiogunari. 782.- Modernitatearen erronkarik nabarmenena gizakia zergatik hein batean libre izatea lortu ondoren zoriontsuago ez den azaltzen saiatzea da. 783.- Atzera begira gogorapenak urrundik desagertzen dakuskigu, gauzak beren hartara itzuliko bailiran gu gabe, eta ez da gure arrasto ezaz jabetzen garela bakarrik: gure gogorapenak, gure iragana guretzat horren garrantzitsua zena eta eguneroko gauza bakoitzean baldintzatzen gintuena, gu garela ulertzen dugu, besterik ez. 784.- Gure arropa, gure aterpe eta garraiatzeko baliabideak ere hitzez eginak dira, batzuk errealitaterik ia gabekoak direlarik, sintetikoak, kontzeptu boluntaristez osatuak edo beteak. 785.- Bikaintasunak sinpleki ona dena estimatzea eta gozatzea ere galarazi ohi du. 786.- Horrenbeste gauza dauzkagu deskubritzeko ezen deskubrituz gero dauzkagunak galduko genituzke. 787.- Gu denontzat hizkuntzak aurpegi multzo bat besterik ez dira. 788.- Deserosoak suertatzen zaizkit jendetsuak diren ekimen edo ekitaldi kulturalak, zerbait gaizki egin den susmoa eragiten baitidate nonbait. Baten batek horrek kausa galduen xarma ikusi nahi izatea edo frustrazioaren sublimazio gainditzailea islatzen duela esango luke, baina ez dut uste hori denik. Egia esan, kezka kulturala edota edonolako deialditan parte hartzeko dudan oroimenetik, pertsona urriko multzoak dakuskit soilik, bizpahirukoak maiz. Elkarteetako bilerak eta batzar orokorrak ere, kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak, indusketa arkeologikoak, poesia errezitaldiak, poesia, saiakera edo mota guztietako liburu tirada txikiko aleren bat eskuratzea ere… Spenglerren esaldi hura darabilt buruan behin eta berriro, azken orduan beti izan dela soldadu talde txiki bat zibilizazioa salbatu duena. Azken ordu orotan, egunero. Zeren arlo politikoan lagun gutxi biltzea porrot bat izan baitaiteke duintasun gehiago edo gutxiagoz eramana, egungo politikan Herriaren izenean mintzatzen delako, atzetik armada bat datorkigula suposatuz, hala ez bada ere, baina arlo kulturalean elitismorako betarik ez ohi dago, non aukeraturik ez dagoelako orokorrean; norberak bere burua aukeratzen du, sentitzen duen egarria besterik ez ordezkatuz eta asetu nahian. Bestea, masen kulturako bilera multitudinarioak kirol edota kontzertuetan, edo bestelako ekitaldien inguruan, baina baita herexa ospetsuetan edo munduko hiriburuetako museoetan metatzen diren jendetzak ere, arrotzak zaizkio kulturari. Aitzitik ez da hezkuntza sisteman edo hedabideetan borroka kultural orokorraren lilura elikatzen: aurrelarien ariman garrantziaren kontzientziak gizarte errekonozimendu zabalaren nostalgia eragiten du etengabe, belaunaldiz belaunaldi. Kulturaren jarauntsiak unibertsaltasunaren argiaren erlantza erakusten duelako berehala, pixka bat igurztean, eta betiereko izaera horren zirrara eragiten du, mundu guztiaren interesekoa delakoan aurkitzen edo tratatzen den xehetasun bakoitzean, baina egiten dena berotzen duen eguzkia gar bat besterik ez da, esku gutxiren artean mirakuluz piztuta bizirauten lortzen duen sugartxoa, bazter anitzeko lagunartetan. 789.- Aroen etengabeko gainditzearena, modernitatetik postmodernitatera eta haratago, gero eta epe laburrenetan, gure beste harropuzkerietako bat da. Superstizioaren ilunpetatik gizakiaren indarrak eta ahalmenak erabat askatu artean ez da Ilustrazio bera ere gaindituko. 790.- Noiz zehazki hasten ote da altuago omen dagoen orain hau, nondik atzera begiratu eta iragana epaitu. 791.- Itxuren mundu honetan ez ohi dakigu zenbateraino kontuz ibili behar dugun tratatzen ditugun pertsonekin, zein hauskorrak edota sentiberak diren edota zein puntutaraino dauden erreta edo minduta. 792.- Zure estimuak eta interesak dosifikatu itzazu eta ez duzu egia jakingo munduak aurrean jartzen dizun arte, munduak aurrean jartzen dizunean ere. 793.- Gero eta hildako gehiago jartzen dizkiogu elkarri denboraren mahaian. 794.- Heriotzaren pertsonifikazioa eta objetibazioa gure fantasia frankoren jatorria da. 795.- Errenazimenduko iratzarpenari leporatu ohi diogu gizakiak bere borondate hutsez norabide guztietan eta aldi berean haz daitekeelako ustea, baina egiatan Ilustrazioan bakarrik ausartu ziren aurrelariak entziklopedia bat sortzera. 796.- Ez gara gauzen aurrean galtzen, gauzen aurreko gure nortasuna da aurkitzen ez duguna. 797.- Zibilizazioak eta aroak saltsak dira, besterik ez, agertu ginenetik munduak haragi bera jaten baitu. 798.- Sentibera ez da gauzak kontuz bideratzen dituena, besteek gauzak kontuz egin ez ditzaketelako ardura bere gain hartzen duena baizik. 799.- Ozeanoaren edertasuna kostaldean dago, unibertsoaren edertasuna gure lurrean dago. 800.- Historiak badu joera gero eta hildako gehiago produzitzeko gero eta baliabide gutxiagoren truke. 801.- Egingo dugun edozerk hilko gaitu. 802.- Giza barne-lilurapena eta ergeltasuna neurri batera iritsi dira non gizakioi iraganean edota etorkizunean jaiotzeko aukera emango baligute askok, gehienek igual, iragana aukeratuko luketen. 803.- Batek ez duenean besteengandik ezer espero laguntza bakoitza opari bat da, batek lehiatu nahi ez duenean garaipen bakoitza patuaren keinu bat da. 804.- Ingalaterra Erromantizismoak hondatu zuen. Alemania eta Frantzia, arrazionalismoak. 805.- Gizarteko subkultura, kultura ofizial eta kontrakultura guztiak ospitalean amaitzen dira eta era berean. 806.- Heroi bakar bat badago Gizateriaren historian, zero zenbakia asmatu zuen pertsona. 807.- Egia elkarri kontatzen diogun zerbait da. 808.- Gure lurra iraganaz bete dugu, eta zer? 809.- Bizitzaren erdian utzi gaituzte, hegaztiak ozeanoaren erdian agertzen diren modura, jakin gabe, zerbaiten bila. 810.- Nekadura gure nahien jomugen neurriek ematen dute, beste ezerk ez. 811.- Zergatik idealizazioaren aurka jarri geure baitako onena eta txarrena atera baldin badu geuregandik? Gezurrezkoa delako? 812.- Egin dezakegun edozer hamarkada baten barruan egongo da eta ontzi horren forma hartuko du. 813.- Ezagutzaren bide orotik galdera handietara itzultzen gara behin eta berriro. 814.- Badirudi gehiago egokitzen direla bizitzara plan handiak egiten ez dituztenak, baita gutxiago bizi direla ere. Bizitza bera baita geure ametsen Prokustoren ohea, bana hori gizajoa soberazko gunea uzten duena… 815.- Gerrek ez dute iragana aldatzen, etorkizuna aldatzen dute bakarrik. 816.- Hemen ezertarako ez gaudelako atsedenaren baitan norberak bere zentzu propioa bilatu beharraren madarikazioa datza. 817.- Obituario guztien amaieran zera esan beharko luke… eta hau dena egin zuen hiltzera zihoala zekielarik. 818.- Zentzua ematen diguna askatasuna kentzen ez diguna edo gutxienez ematen ez diguna da, askatasuna ematen diguna. 819.- Bitalismora espiritualtasunetik itzul daiteke soilik, jatorrizko bizizaletasunean gelditzea txakur bizitza eramatea baita. 820.- Ezkortasuna arrazoi ebolutiboren batengatik garatu dugun pentsamolde edo sen batengatik sortzen da, zeinaren arabera gertatzen zaigun zerbait negatibotzat jotzen dugunean gakoaren egia aurkitzen asmatu dugun susmoa otutzen zaigun, eta hortaz gai horretan itxuren azpian datzana bezain negatiboa badelako sinesmena errotzen zaigu. 821.- Uretan sartzea da beste mundu batean sartzeko daukagun aukera bakarra honetatik atera gabe. 822.- Noosferako argi magikoak gauza oro deskubrimendu objektu bihurtzen du. 823.- Gizasemeon mintzoan hitz oro kultuak dira, hitz bakoitza kultu bat da, inbokazio bat, eta ez dago erlijio oinarrizko, superstizioso eta fantasiosoagorik hizkuntza bera baino. 824.- Bizitzak aurrera egin ahala eta bertan barneratzen garen heinean zera da gertatzen zaiguna, denboraren igarotzera ohitzen garela, denboraren igarotzera ez garela ohitzen. 825.- Okerrago egin genezakeen ia beti. 826.- Batak besteari ateratzen dizkiogun hitzak odola bezalakoak dira. 827.- Isiltasuna da hipokresiatik babesten gaituen geruza bakarra. 828.- Benetan iraganera itzuli nahi dugu? 829.- Edozein gauzak antzematen diren baino zehaztasun gehiago dauzka, ñabardura gehiago, hortaz edertasuna kanpoko itxurarekiko faltsua edo faltsugarria den harreman bat da, eta horregatik ezin da egia osorik izan, erdi egiez osatu gabeko errefusagarriak diren egien artean higitzen delarik gure pentsaera. 830.- Zein zaila suertatzen den oinarrizkoa ondo bideratzea bizitzan. 831.- Gotorlekuak eraikitzen ditugu etsaia bakarrik defendatzen dutenak, behin asaldatuta. 832.- Hilei sinetsi egiten diegu. 833.- Hitz bereziak, antzinakoak, ezohikoak edota arraroak, distiratzen gelditzen dira mintzairaren jarioan, irakurketaren jarioan, oroimenen jarioan; fondoko basan denbora urratzen gelditzen baitira, eta beren etengabeko erlantz horren begiradarekin topo egitean gainontzeko guztia dakarkigute bueltan. 834.- Sentiberatasuna munduarekiko esposiziorik nagusiena eta munduan biziaruteko estrategiarik nabarmenena da, minak eta nozitzeak soilik egiten baikaituzte indartsu. 835.- Hizkuntza munduaren gaineko gure jabetza titulua da. 836.- Edonon gure inguruan gizaki oro bere bizitza galtzen ari da. 837.- Bakardadeak bizitzari eskatzen geniona ematen digu, bakardadeak bizitzari eskatzen geniona kentzen digu. 838.- Denoi era adeitsu eta baketsu batez esango baligute: hi, hi iruzur bat haiz, horrela, orokorrean, nagusiki, nork ez luke jakingo egia dela?, nork esango luke egia ez denik?, nork asmatuko luke erantzun bat ematen, orokorrean, nagusiki?, zer erantzun?, “denok bezala”? 839.- Jendeek abestiek pobreziatik salbatzen dituztela pentsatzen dute. 840.- Ezin izan ditut inoiz amaitu Danteren Divina Commedia ezta John Milton Paradise Lost ere, Borgesek eta beste altu askok horren estimu handitan zeuzkaten lanak. Ez diot puntua ikusten ikusten alegiazko leku batetaz bakarrizketa hiperboliko jarraiari. Nire errua izango da, zeren lan literarioak baloratzeko nire irizpide nagusi ondoko hau da, formaren azpitik edota forman bertan antzematea ea egilearen egia ausardiaz eta modu zehatz batez islatuta dagoen. Beste era batez esanda, bizi garen gezur sareen artean ea idazlearen izpiritua ehuna hausten soma daitekeen arrain zangar baten gisara. Alegiazko lekuetaz egitea zure hiriko giroez ikuspegi bat adierazteko proposamen bikaina eta liluragarria iruditzen zait, Jonathan Swiften Gulliver’s Travelsen bezala¸ edo irla urrun bakarti batean galduta egoteaz eta zure bizitza berriro eratzeaz, barne isolamendua eta bizitza funtsezkoarekin berrantolatzeko saioak irudikatzeko, Daniel Defoeren Robinson Crusoen bezala, aparta. Baina existitzen ez den leku batetaz deskribapen luzeean luzatzea… badakit poeta finean bere buruaz baino beste ezertaz ez dela ari, baina hala eta guztiz ere gaia berez aspergarria suertatzen zait. Gustu berezi bat?, pentsamolde orijinal bat ote? Ez dut uste, horretan oso garaikidea naizelakoan nago. Beharbada beste testuinguru batean beste batek zera esango luke, zein XXI. Mendekoa den tipo hau, bere humanismo berantiarrarreko kezkekin eta egiaren inguruko kontzeptu estu horretaz bere ardurarekin, egia gizakiak ingurukoari zuzentzen dion begiradan etzango balitz bezala. 841.- Estatu baten handitasuna gerra bat galdu gabe gal dezakeen bataila kopuruaren arabera neurtzen baldin bada, pertsona baten handitasuna bizitza galdu gabe gaindi ditzakeen zoritxarren kopuruaren arabera neurtu liteke agian. 842.- Jendea maite duenak zera topatuko du gaur egun, jendeak gero eta gutxiago maite duela bere burua, beste bat izan nahi dute edota beste batekin egon, bereziak izan eta bereziekin izan; norbere burua maitatzea besterik ez dela gelditzen ematen du. 843.- Denok bizitza pasatzen dugu etorkizuna ahazten. 844.- Familia barneko larritasun eta estutasunak, eskola-jazarpena, lan esplotazioa, bikote desegite traumatikoak… zerk egiten gaitu horren zorigaiztokok gure arbasoen bizitzarekin gure burua erkatuz gero? Zer da gure pobrezia haienaren aldamenean? Zer da gure sufrimendua haien etengabeko galeren aldean? Zer gure erronkak haiek gainditu behar izan zituzten zailtasun eta malurren aldean? Zer dela eta, zer zela eta agertzen dira horren harro eta irribarretsu ere argazkietan? Zerk egin zituen beren bizitza edozein ikuspuntutik miserableen baitan gu baino beteago, osatuago, ausartago? 845.- Konplexutasunerako egokipen ebolutibo maila batera iristen ari gara non gauza bakunez gozatzeko ahalmena galtzen hasiak gauden. 846.- Hemen gaude erabaki tribial eta ezustekoengatik, bai kolektiboki bai gizabanako gisa, eta egia hori, geure buruari lehenengo gezurrak asmatzeko beharra eragiten diona, ezin du inongo mitok estali, izan pertsonala izan gizartekoa. 847.- Kazetarien erregistroak genius lociren ikuspuntutik at ez luke zentzurik; nonbait sustraitutako subjektibotasun batetik emana izan behar du, angelu geografiko (eta etniko) finko batetik ez bada maila bateko egunerokotasuna ikusezina bailitzan. Herri nomadetan ez du ematen kazetaritza eta komunikabideak ezagutzen ditugun modukoak liratekeenik, eta ez arrazoi logistikoengatik bakarrik, perspektiba geldi baten historiaren oroimenaren euskarri baten ezagatik gehienbat. 848.- Ile gehiena galdu genuen gure bizirauteko lanabesik oinarrizkoenetakoa lortzeko, gure azalaren sentikortasuna. 849.- Bizitzan ia dena elkarri ematen diogun tratuan datza. 850.- Egiaren ideiarik gabe ez legoke erlijiorik, eta horrela egiaren kontzeptu eta irizpidearen sorrerak, osaketak eta trinkotzeak bakarrik ahalbideratzen du euskarri horren gainean gezurrik nagusienak, garatuenak eta sofistikatuenak eraikitzea. 851.- Gauzak ondo edo gaizki egon ohi dira haien ondoren gertatzen denaren arabera. 852.- Orainalditik ezer gera ez dadin erarik egokiena zehazki dagoen bezala gordetzen saiatzea da. 853.- Giza gertatzearen dentsitatearen gehiagotze eta bizkortzeak historiako tartaren zati gero eta handiago bat ematen digu gure bizitzako tartean. 854- Gauza bera maiz jatera heltzen gara ez gustuko dugulako, ohiturak eman digun segurtasun sentipenarengatik baizik. 855.- Orainaldia ez da inoiz amaitzen. 856.- Bizidun bakoitza osatzen duen sistema organiko multzo zoragarriari erreparatuko bagenio behin eta berriro animalia edota landare bat jateko eskuartean daukagun bakoitzean ez genituzke inoiz jango. Izaera gandutsu eta ankerrak bakarrik ahalbideratzen du bizirautea. 857.- Kidetasuneko mugak ezberdintasunarenak bezain oreka-gaitzak dira. 858.- Adiskidantza osatu dela adeitsu izateari uzten zaionean jakiten da. 859.- Trenbide geltokiak katedralak higatzen joan dira, aireportuak hilerriak husten joan dira, itsasoko portuak mendilerroak kolonizatzen joan dira, errepideak mugak josten joan dira. 860.- Bizitzaz blai gabiltzanean gure baitan den umeari ateratzea kosta egiten zaiola dirudi. 861.- Guztiari aplikatzen diogu gauzak bukatzeko eta osorik egiteko superstizioa. 862.- Geruzak eta azalak estalgabetzen ditugu muina beste ontzi batzuetan sartzeko bakarrik 863.- Telebistako iragarleak dei bat jasotzen du, gizon bat mintzatzen zaio zera jakin nahi duena, ea bere maitea berarekin jarraituko duen. “Gaizki ikusten zaitut, aztoratuta“, esaten dio iragarleak. “Ez, ondo nago, ondo gaude”, dio gizonak. Iragarle mozoloak, gizakiez izarrez beste dakiena, ez du bereizten ikasi etorkizunarekiko beldurra eta etorkizunarenganako itxaropena. 864.- Betetasunaren lezioa izatearen prekarietatearen jabetzak irakasten du. 865.- Eboluzioak dinosaurioak txori bihurtu bazituen, tximuok barrutik hegan eginarazi ziguten. 866.- Mespretxua da baliabide erretorikorik garrantzitsuenetakoa eta ziur aski lirikoena. 867.- Aberri bezala maitatuak ez diren lurrak ez dira ezer. 868.- Bizitza heriotzarekiko esposizioa besterik ez da. 869.- Herri guztiak nomadak dira, nomadak denboran. 870.- Denok tximu berberengandik gatozela diogu tximu berberengandik etorriko ez bagina bezala.
I. GIZON BEREZI BATEN ETORRERA Otsaila zen. Elurra ari zuen eta hotz handia egiten zuen. Ezezaguna oinez iritsi zen Bramblehursteko geltokitik. Eskuan maleta ttipi beltz bat zeraman. Burutik oinetara, zeharo estalirik zihoan eta kapelaren ertzetik sudur punta besterik ez zen ageri. Sorburuak elurrez beterik zituen. Kolpetik, herriko ostatuan sartu zen eta maleta erortzen utzi ondoren: —Sua! Sua duen gela bat nahi dut! —oihu egin zuen—. Mrs. Hallek egongelara eraman zuen. Han ezer esateke txanpon pare bat utzi zituen mahai gainean. Mrs. Hallek sua piztu eta bakarrik utzi zuen, zerbait prestatzera joan zen bitartean. Neguaren bihotzean Ipingen norbait edukitzea ez zen txantxetako gauza. Hirugiharra frijitzen zen bitartean eta Millie neskameari garrasi batzuk egin ondoren, mahaia prestatzen hasi zen arretarik handienez. Harriturik geratu zen, ezezagunak, kapela eta berokia soinean zituela ikusirik, nahiz eta sua bizia izan. Eskularruak ere kendu gabe, leihotik begira zegoen. Mrs. Hall ordea, urtzen ari zen elurra alfonbra gainera erortzen ari zela konturatu zen. —Berokia eta kapela lehortzen jartzen utziko al didazu? —Ez —erantzun zuen—, nahiago ditut soinean jantzirik. Mrs. Hall orduan konturatu zen betaurreko ilunak eta belarrondoko bizar oso iletsuak zituela. —Oso ongi, nahi duzun bezala. Gela laster berotuko da. Hark ez zuen ezer erantzun eta Mrs. Hall irten egin zen. Itzuli zenean lehengo postura berdinean jarraitzen zuen ezezagunak. —Bazkaria mahaian dago. —Eskerrik asko erantzun zuen eta ez zen mugitu etxekoandrea irten arte. Orduan arrapaladan abiatu zen. Mrs. Hallek, sukaldera itzulirik, Miiliek mostaza prestatu gabe zuela ikusi zuen. Hau duk hau laguntza! Ezezaguna egun batzuetarako etorria zen noski! Suturik hartu mostaza eta abiatu zen. Deitu eta sartzean, keinu xelebreren bat egin ote zuen iruditu zitzaion, lurretik zerbait jaso nahi balu bezala. Mostaza ipini zuen. Berokia eta kapela sutondoan aulki baten gainean jarririk zituela ikusi zuen. Bota bustiak ere han zeuden. Eta hartzea pentsatu zuen. —Hobea izango da zintzilik jartzea ez? —Utz ezazu kapela —eta begira geratu zitzaion—. Hitzik gabe geratu zen. Sudur azpia zapi batez estalirik zuen. Sudur punta eta betaurrekoak ez beste, aurpegi guztia bendaz bildurik zuen. Ikuskizun hark txunditurik utzi zuen. Ezezagunak, esku- larru marroia zuen esku batez eusten zion zapiari, Mrs. Halli betaurreko misteriotsu haien azpitik begiratzen zion bitartean. —Utz ezazu kapela Segundo batzuk behar izan zituen. —Asko sentitzen dut —esan zuen— ez nekien... —Eskerrik asko —erantzun zuen—. —Ahalik eta azkarren lehor daitezen ahaleginduko naiz —esan zuen eta irten egin zen—. Urduri sartu zen sukaldera. Millie ezer egin gabe zegoenik ere ez konturatu: Bitartean ezezagunak jaten jarraitzen zuen. Altxa eta errezelak zabaldu zituen. Horrela ia ilunpean geratu zen gela. —Gizon gaixoa —zioen Mrs. Hallek sukaldean— istripuren bat ala ebakiren bat ala... a zer sustoa hartu dudan hura ikustean! Ikatza bota zuen sutara. —Eta betaurreko haiek! Gizona baino gehiago buzo bat zirudien. Ahoa ere zeharo deformatua izango du. Bat-batean bira emanez: —Jainko maitea, Millie! Oraindik bukatu gabe? Mrs. Hall mahaia txukuntzera joan zenean, ahoa deformatua zuela konbentzitu zen, pipa erretzen ari zen baina ez zuen zapirik kentzen ez eta hura ahora eramateko ere. Orain hizketarako gogo gehiago zuela zirudien. —Bramblehursteko geltokian daukat nire ekipaia —eta Mrs. Halli ea ostaturaino ekartzerik ba ote legokeen galdetu zion—. Orduan ezinezkoa al da biharko eguna baino lehen joatea? Ezetza entzutea ez zitzaion gustatu. —Ziur al zaude? —jarraitu zuen— gurdi batez ez al dezake gizonen batek ekar? Mrs. Hallek une hartan, hitz egiteko egokiera on bat aurkitu zuen. —Bidea oso aldapatsua da. Duela gutxi gurdi bat itzuli zen eta bai itzaina eta bai berarekin zihoan jaun bat hil egin ziren. Istripuak gertatzea erraza baita. Ez al zaizu iruditzen? Ezezaguna ez zen urduritu. Baina “arrazoi duzu” esan zuen zapi azpitik. —Gainera denbora asko behar da sendatzeko. Begira nire ahizparen seme Tom. Mendian... —Pospolo batzuk emango al dizkidazu? —esan zuen— pipa itzali zait. Mrs. Hall pixka bat haserretu zen, baina mahai gaineko bi txanponak gogoratuz, irten egin zen. —Eskerrik asko —esan zion ekarri zizkionean—. Argi zegoen istripu eta horrelakoak ez zitzaizkiola atsegin. Ezezaguna laurak arte egongelan geratu zen. Mrs. Hallek ez zuen aitzakiarik aurkitzen berriro sartzeko. Denborarik gehienean, ez zen ezer entzun. Pare bat aldiz pauso batzuk eta txinparten hotsak, bere buruarekin hitz egiten balego bezalako zurrumurrutxo batzuk eta besterik ez. II. MR. TEDDY HENFREYREN LEHEN BURUTAPENAK Laurak ziren eta Mrs. Hall gelara sartzeko aitzakiaren baten bila zebilen une berean, Teddy Henfrey erloju- konpontzailea tabernara sartu zen. —Arraioa! —esan zuen— kanpoan dago giroa! Mrs. Hallek, Teddyk tresnen kutxa zekarrela ikusi zuen. —Aizu Teddy, egongelako erlojua begiratuko bazenu... Ongi dabil baina orduen orratza seietan gelditua dago. Mrs. Hall abiatu zen eta atea jo ondoren sartu egin zen. Atea irekitzean, ezezaguna erdi lotan zegoela ikusi zuen. Oso ilun zegoen baina aho izugarria zuela iruditu zitzaion. Une bateko irudipena izan zen, orduantxe eskua aurpegira eramanez altxatu baitzen. Mrs. Hallek atea zeharo zabaldu zuen eta hobeto ikusi zuen. Berriro zapi zuria ipinirik zeukan. Itzalak izango zirela pentsatu zuen. —Horman dagoen erlojua konpontzera dator gizon hau. Ez zaizu axolako, ala? —Erlojua konpondu?... Bai bai, zer gutxiago... Teddy Henfreyk ikusi zuenean harriduraz begiratu zion. —Arratsalde on —esan zion ezezagunak—. —Ez zaitugu molestatuko ez? —esan zion Mr. Henfreyk—. —Ez, ez, hala ere —jarraitu zuen Mrs. Halli begiratuaz— gaizki ulertu ez badut, gela hau niretzat bakarrik da. —Baina —esan zuen Mrs. Hallek— baina erlojua... —Bai, noski, baina norma bezala nire intimitatea errespetatzea gustatzen zait. Eta itzulirik eskuak bizkarrean gurutzatu zituen. —Gero —jarraitu zuen— erlojua zuzenduta gero, te pixka bat hartuko nuke. Mrs. Hall irtetera zihoala, ekipaia ekartzea lortu al zuen galdetu zion. Andereak postariarekin hitz egin zuela erantzun zion eta goizean han izango zuela agindu zion. —Zientzialari bat naizela esan behar nizuke. Nire ekipaian tresna eta material garrantzitsua daukat eta nire ikerketak, konprenituko duzu, jarraitu ahal izateko azkar behar ditudala. —Noski baietz jauna. —Ipingera etortzearen arrazoiak —jarraitu zuen— istripu bat eta lasaitasuna behar ditudala izan dira nagusiki. —Pentsatzen nuen nik —zioen etxekoandreak berekiko—. —Lasaitasuna eta bakardadea behar ditut. Begiak oso makalak ditut eta beharrezkoa dut ordu luzetan ilunpetan egotea. Gelan norbait sartzea adibidez, niretzat nahigabe handia izango litzateke. —Bai jauna. Eee, mesedez jauna... —Hau da dena —Eta horrela bukatu zuen Mrs. Hall moztuta utzirik—. Mr. Henfreyk gero esan zuenez mugitu gabe geratu zen. Honek lana luzatzeagatik erlojua piezaz pieza askatu zuen, berarekin hitz egitea nahi baitzuen. Baina ezer ez. Urduri zegoen eta isiltasun hura hausteko esan zuen: —Hau da eguraldia! Badiru... Baina ezezagunak bukatzen utzi gabe: —Zergatik ez duzu bukatu eta alde egiten? Orduen orratza konpondu behar eta zorakeriak besterik ez dituzu egiten. —Bai jauna berehala —Eta minutu gutxi barru bukatu eta irten zen gelatik. Baina gizon haren hitzak molestatu egin zuten. Gizon xelebrea hura! Hain estalirik polizietatik ihesi zebilela zirudien. Gleeson kalean Hall zetorrela ikusi zuen. Honek, behar zenean, Sidderbridgeraino eramaten zuen dilijentzia—. —Kaixo Teddy! —esan zion ondotik igarotzean—. —Gaur sorpresa on bat daukazu etxera iristean —erantzun zion honek. Mr. Hall geratu egin zen—. —Zer diozu? —Ezer ez, ostatuan tipo harrigarri bat daukazuela. Bai horixe! —Eta dena kontatu zion—. —Mozorrotuta doala dirudi. Niri jendearen aurpegia ikustea gustatzen zait —esan zuen Henfreyk— baina emakumeak hain dira xaloak ba ... Zure gela batean dago eta izenik ere ez du esan. Pentsa ezazu! —Egia al da hori? —Bai bai; gutxienez aste bete igaroko du. Gainera bihar ekipaia iritsiko omen zaio. Eta horrela Mr. Halli esan zion, bere izeba bati ezezagun batek egin zion iruzurra. —Bueno onena etxera joatea izango dut. Baina etxean lehenik tearen errieta entzun behar izan zuen. Ezezagunari buruzko galderak ia erantzunik ere ez zuten izan baina Mr. Hallek zioen: —Zuek emakumeak ez dakizue ezer ere. Ezezaguna lotara joan zenean, Mr. Hall egongelara sartu eta dena begiratu zuen. Halako batean matematikako kalkulu batzuk egindako paper bat aurkitu zuen. Ekipaia ongi begiratzeko agindua eman zion emazteari eta honek: Zuk zure lanak, nik neureak moldatzen ditut eta. Baina bera ere ez zegoen lasai. Gizon hura benetan xelebrea zen. Bai gauerdian ametsetan esnatu zen, baina berriro ere loak hartu zuen. III. BOTILA PILOA Horrela iritsi zen ezezaguna Ipingera otsailaren 9an. Hurrengo egunean ekipaia ekarri zioten. Benetan handia zen. Bi kutxa eta gainera liburu handiz beteriko kaxa bat eta dozena bat kutxa ttipi botila eta kristalezko ontziz beterik, Hallek zioenez behintzat. Gurdi jabea iritsi zen une beretik hasi baitzen dena ikusten. Horrela zebilela, ezezaguna beroki, kapela eta eskularruak jantzirik agertu zen. —Ea azkarrago ibiltzen zareten! Nahiko denbora egon naiz zain. Hori esanik, gauza batzuk hartzera zihoan. Baina Faerensideren zakurra zaunkaz hasi eta gurdira inguratu zenean, eskuan kosk egin zion. Faerensidek ostikoz joaz: —Geldi zakur nazkagarria! —egin zuen oihu—. Denek ikusi zuten gizon haren eskuak zakurraren agin artetik irrist egin zuela. Zakurra salto batez zangora joan zen eta galtzak urratu zizkion. Une horretan Fearensidek zakurra jo zuen eta hau gurdipean sartu zen. Ezezaguna esku eta galtzetara begiratu eta salto batez ostatu barrura sartu zen. —Zakar bat haiz! Harrapatzen bahaut! —zioen Fearensidek—. Hallek honela zioen: —Kosk egin dio, kosk. Onena zer egin dion ikustera joatea izango dut. Eta korrika gelaraino sartu zen. Gela erdi ilunpetan zegoen. Esku gabeko beso bat keinuka ari zitzaiola iruditu zitzaion eta atzean hiru zulo zituen aurpegi zuri-zuri bat. Ezustean bularrean kolpe handi bat eta atzeraka erori zen. Atea itxi eta giltza hotsa entzun zuen. Korridorean geratu zen une batez zer gerta ote zitzaion pentsatzen. Gero beste lagunengana joan zen. Mrs. Hallek Fearensideri garrasi eginez, zakurrak bere bezeroari egin ziona egiteko ez zuela eskubiderik esaten zion. Huxter dendariak, ez zuen ezer ulertzen. Sandy Wadgers errementariak ere bere ondorioak ateratzen zituen. Mr. Hallek eskaileratik dena entzuten zuen eta ez zekien nola esan ere gertatu zitzaiona. —Gure bezeroak ez du laguntza beharrik —esan zion emazteari—. —Zauria desinfektatu behar luke behintzat —esan zuen Huxterrek—. —Nik tiro batez hilko nuke zakur hori —esan zuen andre batek—. Bat-batean zakurra berriro ere zaunkaz hasi zen. —Mugi zaitezte! — esan zuen ahots haserretu batek— ea behingoz ekipaia jasotzen duzuen. Galtzak eta eskularruak aldaturik zituen. —Minik eman al dizu zakurrak? —esan zion Fearensidek— asko sentitzen dut. —Ez, ez zait ezer gertatu, haragirik ez dit ukitu. Lehen kaxa sartu zutenetik, gizon arrotz hura dena irekiaz, era eta neurri guztietako botilak mahai eta apaletan ipintzen hasi zen. Likido bereziz beterikoak ziren. Beste guztiak ere esperientziak egiteko tresneriaz beterik zeuden. Arrotza berehala hasi zen lanean, eta Mrs. Hall bazkaria ekarriaz sartu zenean ez zen konturatu ere egin. Mahaia prestatu eta gero konturatu zen eta berehala aurpegia itzuli zuen betaurrekoak janzteko. Andereari, begien ordez zuloak zituela iruditu zitzaion. —Sartu baino lehen deituko bazenu, eskertuko nizuke. —Ez zinen konturatuko baina... —Beharbada bai, baina nire ikerketetan, eta esan dizut oso garrantzitsuak direla, lasaitasun osoa behar dut. Zaratarik ttipienak... Mesedez eskatzen dizut. —Zuk nahi duzun bezala. Nahi baduzu atea giltzaz itxi dezakezu. —Oso ideia ona da. —Baina lurrean dagoen lasto pila hau dena... —esan zuen andereak—. —Ez zaio ardura. Lan guzti hori kontuan sar dezakezu. Eta Mrs. Halli ahopean madarikatuz ari zela iruditu zitzaion eta hain pertsonaia berezia eta izaera zitalekoa zelako Mrs. Hall kexu zegoen bere baitan eta esan zion: —Zenbat pentsatzen duzu... —Txelin bat ipin ezazu. Nahikoa izango da, ez? Arratsalde guztia lanean igaro zuen atea itxirik. Une baten hots bat entzun zen, botila hautsiena edo... Mrs. Hall igo zen eta entzun zuen: —Ezin dut gehiago! Ezin dut aurrera jarrai! Hirurehun mila! Laurehun mila! Engainatu naute! Pazientzia! Pazientzia!... Zoritxarrekoa naiz! Tabernan jendea sartu zen eta Mrs. Hallek alde egin behar izan zuen. Itzuli zenean ez zen ezer entzuten. Gero tea eramatera joan zenean kristal hautsiak eta mantxa horixkak ikusi zituen. —Kontuan ezar ezazu —esan zion—, Jainkoaren izenean ez nazazu molesta! Kontuan jarri eta kito! * * * —Esango dizut zer pentsatzen dudan —esan zuen Fearensidek—. Tipo hori, kosk egin dion hori ziur nago bai, hori beltza da. Gutxienez bere zangoak hala dira. Nik ez nuen haragi kolore normala ikusi. Ikatza baina beltzagoa, bai horixe! —Nik ez dut ezer ulertzen! —zioen Henfreyk—. Oso xelebrea da. Sudurra behintzat ez! Sudurra zuri gorrixka du. —Bai bai, ez dago zalantzarik. Baina... bai mestizoa dela! Gorputz guztia mantxaz beterik izango du. Eta lotsatu egiten da. Bai, zaldiak bezalaxe! Berdin-berdin! IV. MR. CUSS EZEZAGUNAREKIN HIZKETAN Ezezaguna iritsi zen egunetik eta lehen gertakizunen ondoren ez zen ezer garrantzizkorik gertatu herriko jaien egunera arte. Apirilaren bukaeran izan zituen Mrs. Hallekin bere gorabeherak diru arazoa zela bide, baina besterik ez. Ezezaguna ez zen inoiz elizara joaten. Harentzat egun guztiak berdinak ziren. Beti berdin janzten zen. Egunez ez zen inora irteten baina gauez egunero egiten zuen bere paseoa. Herrian era guztietako iritziak zeuden. Zenbaitek poliziatik ihesi zebilen hiltzaileren bat zela zioen. Eskola maisuak aldiz, anarkistaren bat zela eta lehergailu eta horrelakoak prestatzen zituenen bat. Beste zenbaitek zoro bat zela. Garbi zegoena hau zen, Ipingen inork ez zuela gogoko. Cuss herriko sendagileak jakin min bizia zeukan esaten zutenari buruz. Alde batetik bendatua ibiltzen zela eta bestetik hainbat eta hainbat botila zituela jakiteak bere jakin mina areagotzen zuen. Eta hau pentsatu zuen: Herrian gaisozain bat behar zutenaren aitzakiaz firma bila joango zitzaion. Egongelara sartu eta esan zuen: —Barka nire ausardia. Atea itxi eta Mrs. Hallek ez zuen ezer gehiago entzun. Hurren hamar minututan zurrumurruak eta gero garrasi handi bat. Han agertu zen Cuss, zuri-zuri eginik. Jaitsi eskailerak eta korrika irten zen. Cussek herria igaro, eta Bunting, herriko apaizarengana joan zen. —Zuk zoraturik egon nintekeela uste al duzu? —esan zuen—. —Zer gertatzen da? —Eman iezadazu edateko zerbait. Eta horrela kontatzen hasi zen. —Bueno, ni sartzean, eskuak poltsikoan sartu eta eseri egin zen. Nire planteamendua egin nion. Oso katarratua zegoen doministikuka ari baitzen. Botila asko zegoen inguruan. Pentsatuko zuela esan zidan. Ikerketaren bat egiten ari al zen galdetu nion eta baietz erantzun zidan. Errezeta bat zeukan aurrean eta sendagileren batek egin ote zion esan nionean, zeharo haserretu zen. Barkazioa eskatu nion eta une berean haizeak tximiniarantz eraman zuen errezeta. Arrotza altxatu eta eskua luzatuaz hartzera joan zen baina errezeta tximiniatik gora joana zen. —Ongi, eta zer? —Zera, ez duela eskurik. Mahuka hutsik zegoela ikusi ahal izan nuen. Lehenik besamotza izango zela pentsatu nuen baina, gero mahuka hutsik tente egotea ezinezkoa dela badakigu. Nik oihu bat bota nuen. Bera gelditu eta besora eta niregana begiratu zuen. —Jarrai, jarrai mesedez. —Ez nuen ezer esan. Berriro poltsikoan sartu zuen eta “Errezetaz hitz egiten ari ginen, ala” esan zuen. Nik esan nion “Nola mugitu erazi dezakezu hutsik dagoen mahuka bat?” ‘Bai, bai mahuka” esan nion. “Baina, mahuka hutsa ikusi al duzu?”. Altxa eta niregana zetorrela ikustean zutik jarri nintzen. Eta mahuka nire aurre aurrean jarri zuen. Bat- batean sudurrean atximurkada bat sentitu nuen. Bunting barrez hasi zen. —Eta mahuka hutsik zegoen! —jarraitu zuen— eta hain izuturik nengoenez, ukabilaz jo nuen mahuka eta korrika irten nintzen... Horrela bukatu zuen Cussek bere historia bigarren kopa hartzen zuen bitartean. Mr. Bunting pentsakor geratu zeni eta esan zion: —Benetan harrigarria gertakizuna, bai benetan harrigarria! V. ERRETORE ETXEKO LAPURRETA Mendekoste egunean goizaldera gertatu zen. Mrs. Bunting konturatu zen lehenik, alboko gelatik eskaileratara zihoazen urrats batzuk entzun zituenean. Senarra esnatu zuen, eta honek korridorera irtenik, oso ongi entzun zuen beheko idatz mahaian norbait zebilela. Eztul batzuk ere bai. Hori frogatzeko, berriro bere gelara joan eta bastoia harturik eskailerak jaitsi zituen. Tiradera irekitze, paper, pospolo eta kandela bat piztu zuten hotsa. Baina lapurrik ez zuen ikusten. Emazteak ere eskailerak jaitsi zituen. Gauza bat zekien ongi: lapurra herriko norbait zela. Diru hotsa entzun zuten eta euren urrezko txanponak hartu zituela konturatzean Mr. Bunting sartu eta: —Errenditu zaitez! —esan zuen—. Baina txunditurik geratu zen, han ez zegoen inor. Dena begiratu zuten eta ezer ere ez. —Lepoa jarriko nuen... —esan zuen berriro Mr. Buntingek—. —Kandela! —esan zuen Mrs. Buntin gek—. Nork piztu du? —Tiradera! Dirua eraman dute! Une hartan doministiku handi bat entzun zen sarreran eta sukaldeko atea itxi zutela entzun zuten. —Ekarri kandela! Sukaldera sartzean lorategiko atea zabaltzen zela ikusi zuten. Inor ez zuten ikusi baina atea ireki eta itxi zen. Ateak itxi eta dena miatu zuten baina inor ez. Egunsentia zen ia. VI. TRESNERIA MUGITZEN DA Mendekoste goizaldera Mr. eta Mrs. Hall jaiki eta etxe azpira jaitsi ziren garagardoa nola zegoen begiratzera, baina botila ahantzi zitzaien eta Mr. Hall berriro igo zen. Orduan konturatu zen ezezagunaren gelako atea irekirik zegoela. Botila hartu eta jaistean ateko sarrailak irekirik zeudela konturatu zen. Berak itxirik utzi zituen. Jauzi batean berriro igo eta ezezagunaren gelara sartu zen. Ez zegoen inor baina harrigarriena ohe gainean benda eta jantzi guztiak zeudela ikustea izan zen. Emazteak orduan: —George, botila aurkitu al duzu? Mr. Hall korrika jaitsi eta: —Jenny! ezezaguna ez dago eta sarrerako ateak sarrailak irekiak ditu. Berriro igo ziren baina bitartean atea ireki eta itxi ote zen iruditu zitzaien. Hala ere ez zuten ezer ikusi. —Hauxe da gauza xelebrea! Mrs. Hallek maindireak ukitu eta esan zuen: —Hotzak daude! Gutxienez ordubete bada alde egin duela. Hau esatean gertatu zen gertatzekoa! Maindireak inork ukitu gabe mugitu ziren. Jarraian kapela hasi zen eta aulkia eta lababoko belakia ere, barrea entzuten zen bitartean. Aulkiak Mr. eta Mrs. Hall aurrean harturik gela tik irten erazi zituen eta atea giltzaz itxi. Ia zoraturik zeuden. 1 — Espirituak dira —zioen Mrs Hallek—, egunkaritan irakurri dut. —Edan ezazu zerbait —esan zion senarrak—. —Ez dadila gehiago sar gure etxera. Pentsatzen nuen nik bai... Hainbat botila zerrikeriaz beterik. Gure tresnak sorgindu ditu horrek. Aulki horretan esertzen zen gure ama zena! Gaixoa! Ikusi balu...| Millie bidali zuten errementariarengana. Hau iritsi zenean pentsakor geratu zen. —Hau sorgin kontua da! Gero Huxter eta bere morroia iritsi ziren eta denak bildurik ez zekiten zer egin. —Atea bota baino lehen azter dezagun hobeto arazoa —esan zuen Mr. Sandy Wadgersek—. Une horretan atea ireki zen eta ezezaguna agertu eta kanpora irten zen. —Begira! Denek ikusi zuten baina ezezaguna egongelako atea ireki eta bertan sartu zen. —Nik agerpen bat eskatuko nioke —esan zion Wadgersek Mrs. Halli, hau joan zenean—. —Joan zaitez pikutara! Ez nazazu gehiago molesta —entzun zuen—. VII. EGIAZ JABETZEN Ezezaguna egongelan sartu zenetik, han egon zen eguerdira bitartean. Txirrina jo zuen zenbait alditan baina inork ez zion erantzun, beraz bazkaldu gabe geratu zen. Gero erretore etxeko lapurretaren kontuak zabaldu ziren eta jendea errezeloak hartzen hasi zen. Jendeak ezezagunaren urratsak, madarikazioak eta kristal hauste batzuen hotsak entzun zituen. Jaia zenez han inguruan baitzebilen. Barrakak ere herriaren erdian jarririk zeuden. Eguerdian atea ireki eta tabernako jendeari begira geratu zen. —Mrs. Hall —esan zuen—. Han etorri zen eta haserreturik azken egunetako kontua agertu zion: —Zergatik ez didazu gosaririk eman? Eta bazkaria? Zergatik ez didazu erantzun? —Zergatik ez duzu ordaindu nire kontua? —Duela hiru egun diru zain nengoela esan nizun. —Eta nik ezetz esan nizun. Badira bost egun ezer ordaintzen ez didazula. —Begira, esan dizut oraindik... —Eta niri zer? —esan zion Mrs. Hallek—. —Hala ere, nire poltsikoan aurkitu.. —Duela hiru egun zilarrezko txanpon bat besterik ez zenuela esan zenidan. —Bueno, baina orain gehiago aurkitu ditut. —Nondik atera dituzun jakin nuke... —Zer esan nahi duzu? —esan zueni zeharo haserreturik—. —Galdetu bakarrik egin dut eta gainera diru hori hartu baino lehen hemen geratzen ari diren xelebrekerien azalpen bat eman beharko didazu. Aulkiaren kontua, ate eta sarrailena eta gainera... —Nahikoa da! —oihu egin zuen—. Zuk ez duzu ulertzen ez nor naizen ez eta zer naizen. Erakutsiko dizut. Aurpegia estali eta gero esan zion: “Har ezazu” eta zerbait eman zion. Mrs. Hallek ikusi zuenean garrasi eginez lurrera bota zuen. Zer eta ezezagunaren sudurra! Dena kendu zuen, kapela, betaurreko, benda. Han ez zegoen ezer. Denak oihuka, saltoka, eroturik, bata bestearen gainetik kalera irten ziren. Herriko jendea inguratu zen eta ostatu aurrean jende mordoxka bildu zen. Denek batera hitz egiten zuten. —Fantasma bat da! Zer gertatzen da? Labana batez omen zetorren. Ez dela gezurra! Ez zeukan bururik. Bai zera! Jendea geroz eta gehiago pilatzen ar zen eta halako batean Mr Hall, Mr. Bot by Jaffers poliziarekin eta Mr. Wadgersekin agertu zen. —Burua eduki ala ez —zion Jaffersek- nire lana atxilotzea da eta hori egingo dut. Sartu zirenean bururik gabeko irudia ikusi ahal izan zuten. —Bera da — esan zuen Hallek—. —Zer da hau? —entzun zen—. —Oso gauza arraroa zara zu —esan zuen Jaffersek—, baina buru ala bururik gabe atxilotu egingo zaitut. —Zuk ni ez nauzu ukituko! —erantzun zuen—. Mr. Hallek mahai gaineko labana hartu zuen. Ezezagunak bere eskularru bat Jaffersen aurka bota zuen. Ikusten ez ziren lepo eta eskuetatik heldurik zuten baina ostiko batez aulki baten kontra erori ziren. Hallek Wadgersi eman zion labana baina borroka ezezagunaren alde zihoala ikusirik atzeraka joan zen Huxterrenganaino. Hala ere ezezagunak esan zuen: —Errenditzen naiz. Honek ez du zentzurik. Orduan Jaffersek altxa eta eskuburdinak atera zituen, baina: —Aizu! Non jarriko dizkizut hauek eskurik ez badizut ikusten? Orduan ezezaguna arropa batzuk kentzen hasi zen. —Jainko maitea! —esan zuen Huxterrek— hau ez da gizon bat. Hemen jantziak besterik ez daude. Barrua ere hutsik dago. -Ni hemen nago oso osorik —esan zuen ikusezina zen irudi hark—. Gertatzen dena Ikusezina naizela baina hau ez da arrazoia ni atxilotzeko. —Ikusezina ee? —zion Huxterrek- Nork entzun du horrelakorik inoiz? —Harrigarria izango da baina ez da hilketa bat. —Ez, ez! Oso desberdina da —esan zuen Jaffersek—. Baina nik atxilotzeko agindua hartu dut eta ez ikusezina izateagatik, lapurreta bat izan delako baizik. —Bueno eta zer? —Dirudienez... —Mesedez, ez ezazue esan zorakeriarik—esan zuen Gizon Ikusezinak—. —Horrela izan dadila. Hala ere aginduak ditut eta ... —Bueno ados nago zurekin, joango naiz baina eskuburdinik gabe. —Nahi duzun bezala. Baina inor ohartu baino lehen soinean zituen arropak kendu egin zituen. —Aizu! —esan zuen Jaffersek arropa heltzen zituela, baina han geratu zen txalekoa eskuan zuela—. —Heldu! Ez utzi! —esan zuen—. Baina gelako jendea joaz alde batetik bestera zebilen irten nahian. —Kontuz! Itxi ongi atea! Egongela borrokaleku bihurtu zen eta VVadgersek sudurreko on bat harturik, atea ireki zuen. Azkenean Jaffersek zerbait heldu zuen. —Hemen dut! —esan zuen—. Irteerako atera heltzen ari ziren eta Jaffers han zihoan Ikusezinari ongi helduta baina oztopo egin eta erori egin zen. Jendeak oihu eginez: —Heldu! Ez utzi! Kalera irten zirenean zakur bat zaunka hasi zen baina ia beste inor konturatu gabe Gizon Ikusezinak alde egin zuen. Lehenik, jendea isilik geratu zen, baina gero zeharo ikaraturik oihuka eta garrasika joan zen. VIII. BERRIRO TOPATU Gibbuis, bailarako naturazaleari gertatuko zitzaion. Bere ustez bakarrik zegoela, doministiku eta madarikazio batzuk entzun zituen. Begiratu zuen ingurura eta ezer ez. Hala ere, entzuten jarraitu zuen. Gero ahots hori Adderdean aldera aldendu zen. Gibbuisek ez zuen beste gertakizunen berririk baina korrika joan zen herrira. IX. MR. THOMAS MARVEL Gizon honek arlote bizi zen itxura zuen. Ipingetik Adderdeanera zihoan bide bazterrean eserita zegoen. Erdi zulaturik zeuden galtzerdiak jantzirik bota batzuei begira zegoen. Oso onak ziren baina handiegi zeuzkan. Besteak berriz ondo, baina euria egiten zuenean, busti egiten zen. Horregatik bi pareak aurrean jarririk begira zegoen. —Botak direla dirudi ee? —esan zuen Ahotsak—. —Bai, inork nahi ez dituenean ematen diren horietakoak —erantzun zuen begiratu gabe—, eta ez dakit zein diren itsusienak. —Hummm —esan zuen Ahotsak—. —Okerrago egon izan naiz, zenbaitetan gabe ere bai, baina hauek dira itsusienak. Alderdi hau ona behar luke gauza hauetan. —Bai, baina benetan eskualde elkorra da eta jendea ez da atsegina. —Zuk ere horrela uste al duzu? — esan zuen Marvelek, eta burua jaso zuen norekin hitz egiten zuen ikusteko—. —Non zaude? —ez baitzuen inon ikusten—. Mozkorturik egongo naiz! Neure buruari hizketan ari ote naiz? Bai harrigarria... —Ez zaitez ikaratu —berriro Ahotsak—. —Zer? Non ezkutatzen zara? —Zuk uste duzu irudipena besterik dela, ez? —Zer izan daiteke ba? —zioen Marvelek—. —Bueno —esan zuen Ahotsak—. Harri koxkorrak botako dizkizut iritziz aldatu arte. —Non zaude? Esan iezadazu! Baina harriak bere ondotik pasatzen ziren. Ahozabalik geratu zen, baina halako batean, korrika hasi zen eta oztopo egin eta lurrera erori zen. —Zer diozu orain? —esan zuen Ahotsak—. —Bueno, baina ez dut ezer ulertzen. Harriak saltoka dabiltza eta gainera hitz egiten dute. —Hau oso erraza da ulertzen. Ni Gizon Ikusezina naiz. —Baina non zaude? Non ezkutatzen zara? —Ez naiz ezkutatzen. Ikusezina naiz. Hemen nago lau metrotara. Haragi eta hezurrezkoa naiz. Jan eta jantzi beharra dut. —Baina benetakoa al zara? —Bai, bai. —Orduan eman iezadazu eskua ea egia den. —Alazankoa! Bai horixe! Min ematen didazula... Hau bai dela sinestezina... Bueno baina nola lortu duzu? —Ummmm! oso luzea da. Bueno esan nahi dizudana hau da. Zure laguntza behar dudala. Horregatik etorri naiz. Biluzik eta zer egin jakin gabe nengoen eta... —Bueno zertan lagun diezazuket? —Ba ... begira ... Jantzi batzuk behar ditut eta non egona ere bai. Mesedez egin beharra duzu. —Baina hau gehiegi da. Nire bihotzak ezin du hau jasan. Utzi iezadazu hemendik alde egiten eta ... bakea. —Ez, zuk bakarrik lagun diezadakezu. Zuk bakarrik dakizu. Laguntzen banauzu sarituko zaitut, baina salatzen banauzu ... Isildu egin zen eta Mr. Marvel sorbaldan ukitu zuen. Honek beldurturik: —Ez, ez nik ez zaitut salatuko. Nik lagunduko dizut. Zuk esaten duzuna egingo dut. X. MR. THOMAS MARVEL IPINGERA IRISTEN DA Lehen uneak igaro ondoren Ipingen jendea baretu egin zen. Festa eguna zen eta jendea aspaldidanik egun hura iristeko zain zegoen eta goizeko gertakizunak ahazteko gogo bizia zuen. Fietcher zaharra bakarrik ari zen lanean etxeko sarrera margotzen. Laurak inguruan iritsi zen herrira gizon xelebre bat. Korrika zetorren, arnaska eta zuzen zuzenean Mrs. Hallen ostatura joan zen. Fletcherrek ongi ikusi zuen. Huxterrek bere denda barnetik ikusi zuen sartzen. Gizon hura egongelara sartu zen eta irten erazi zutela ikusi zuen. Irten zenean, egongelako leihoak zeuden alderdira joan zen eta pipa erretzen hasi zen. Halako batean alde egin zuen. Une horretan Huxter irten zitzaion bidera, baina Mr. Marvel zapi urdin batean bilduriko gauza piloa eta hiru liburu zituela zetorren. Huxter ikustean, ezkerrera egin zuen. —Lapurra! lapurra! —oihu egiten zuen Huxterrek—. Huxter ia ez da gogoratzen handik aurrerakoaz. Jarraitu zuela baina laster zerbaitekin estropezu egin zuela eta lurrera erori zela besterik ez. XI. MRS. HALLEN OSTATUAN Baina ostatu barruan zer gertatu zen jakin dezagun. Une hartan Mr. Cuss eta Mr. Bunting egongelan zeuden. Goizeko gertakizunak zerbait argitu nahiaz, Gizon Ikusezinaren tresnak ikusten ari ziren. Leiho ondoko mahaian “Egunkari” izeneko hiru liburu aurkitu zituzten. —Orain jakingo dugu zerbait —esan zuten—. —Hummmm, ez du inongo izenik ipintzen. Eta dena klabean idatzirik dago. Dena zenbakiz beterik dago. —Ez ote dago inongo argibiderik? Beharbada irudiren batzuk... —Begira ezazu — esan zuen Cussek—. Denak zenbakiak eta bestea grekoz dirudi. Zuk beharbada... —Noski baietz —esan zuen Mr. Buntingek nahiz eta ez oso ziur egon—, greko bada... Eta bestearen aurrean liburua ireki eta hastera zihoala atea ireki zen. —Kopa bat mesedez... —esan zuen—. —Ez beste atean da eta mesedez atea itxi ezazu. —Oso ongi —esan zuen gizonak—. —Bueno goazen liburu hauek ikustera —esan zuen Cussek—. Hots ttipi bat entzun zen. —Ea —eta atea giltzaz itxi zuen Cussek—, orain lasaiago egongo gara. —Bai noski —esan zuen Buntingek—. —Azken egun hauetan Ipingen ez da gauza onik. —Bai, baina goazen liburura. Buntingek noski grekoz ez zekien ongi eta estutasun handian aurkitzen zen. Gauza berezi bat antzeman zuen lepoan, ezin zuen mogitu. —Geldi biok! edo bestela garunak aterako dizkizuet! —esan zuen Ahotsak- Noiztik da zuen eginkizuna ikertzaile baten liburuak begiratzea? Noiztik besteren gelak miatzea eta non jarri dituzue nire jantziak? —Entzun ongi —jarraitu zuen—, leihoak itxirik daude eta gelako giltza badut. Gizon indartsua naiz eta Ikusezina gainera. Nik esandakoa egingo al duzue? Erretoreak eta sendagileak elkarri begiratu eta “Bai bai” esan zuten beldurrez beterik. —Ez zaitezte zuen lekutik altxa —esan zuen—. Porra bat dut eskuan eta badakizue ... Hona sartu naizenean, jantziak eta liburuak hartzea pentsatzen nuen. Non daude? Ez, ez altxa. Ikusten dut hemen ez daudela. Baina gauez hotz egiten du eta ezin naiteke biluzik ibili. Gainera eskutan dituzuen liburuak behar ditut. XII. GIZON IKUSEZINA HASERRETZEN DA Egongelan hau dena gertatzen zen bitartean, Huxter bere dendatik Marveli begira zegoen. Mr. Hall eta Teddy Henfrey ere sarreran zeuden. Egongelan zarata entzun orduko biak ate ondora joan ziren. -Ongi al zaudete? —Hallek ate ondotik—. Elkarrizketa isildu egin zen. Geroago: -Ez! Ez ezazu egin hori! —eta aulkia eta tresnak lurrera—. —Benetan ongi al zaudete? —kanpotik Mr. Hallek—. —Bai, bai, ongi gaude, utzi bakean mesedez. —Bai gauza arraroa —zioen Henfreyk—. —Baketan uzteko esan dute baina... —entzuten jarraitu zuten—. —Ezin dut —Buntingen ahotsa—, ez dut egingo! Lotsagarria da! —Lotsagarria esan du —zion Henfreyk kanpotik—. Nork hitz egin du orain? —Cuss izango zen —esan zuen Hallek—. Honen emaztea errietan hasi zen eta ezin zuten ongi ulertu. Gero adierazi ziotenean Mrs. Hallek ezin zuen sinetsi. —Ssssh! —esan zuen Henfreyk—. Ez duzue entzun leihoa? —Zer leiho? —Hallek—. —Egongelakoa. Une batez isilik geratu ziren eta hara! non ikusten duten Huxter dendatik irten eta garrasika “Lapurra, Lapurra!”. Hall eta Henfrey ere irten ziren eta norbait ezkutatzen zela ikusi ere bai; Huxter xelebre erori zela ere ikusi zuten.J Marvel zen korrika zihoana baina Gizon Ikusezina zelakoan zeuden denak eta jarraitzea pentsatu zuten. Hall abiatu zer baina norbaitek bultza egin eta lurrera erori zen. Eta horrela denak. Mr. Cuss ere irten eta oihuka hasi zen. —Eutsi! Eutsi! Eskuetan paketea daraman bitartean bakarrik ikusiko duzue! Ez baitzekien Marvel tartean zenik eta honek zeramatzala Gizon Ikusezinak eman zizkion gauza guztiak. —Eutsi! Nire galtzak eta erretorearen arropa guztia darama! —Banoa —esan zuen Henfreyk—. Ordura arte Huxterren ondoan egon baitzen hau. Baina laster erori zen hau ere eta bi eta hiru alditan ere bai. Etsi zuen eta ostatura abiatu zen eta sarreran gizon Ikusezinaren ahotsa entzun zuen. Cuss korrika sartu eta esan zuen; —Berriro etorri da, Bunting! Berriro gizon Ikusezina etorri da! Onena hemendik irtetea. —Jainko maitea! —esan zuen Buntingek—. Baina tabernako zarata entzunik, alfonbratan bildu eta leihotik salto eginez kalera irten zen. * * * Handik aurrera zer gertatu zen esatea zaila da. Jendea zoraturik alde batetik bestera korrika zebilen etxeetako ateak giltzaz itxi eta leihoetako pertsianak beheraino jaitsi zituzten. Gizon Ikusezina kristalak apurtzen ibili zen eta Adderdeanekin lotzen zuen telegrafi haria ere honek moztu zuen. Gero ez zuten gehiago ikusi. Hala ere, bi ordu baino gehiago igaro ziren jendea berriro kaleratu baino lehen. XIII. MARVEL ZALANTZAN Ilunabarrean han zihoan Bramblehurstera bidean gizon ttipi bat. Hiru liburu eta zapi urdin batean bilduriko pakete bat zeraman eskuan. Nekatuta zegoen. Ahots bat zuen laguntzaile eta noizean behin norbaitek helduko balu bezalako keinu bat egiten zuen. —Berriro alde egiten ausartzen bazara... —esan zuen Ahotsak—. —Baina sorbalda zeharo minberatua dut —esan zuen Marvelek—. —Hil egingo zaitut —jarraitu zuen Ahotsak—. —Nik ez dut horrelakorik egin. Ez nuen asmorik. Ez nekien bihurgunerik zegoenik. —Nahiko zoritxarra da jende horrek denak nire sekretua jakitea orain zuk nire liburuak hartu eta eramanik gauzak lehen baino gehiago nahasteko. Orain denek jakingo dute. Egunkariek ekarriko dute. Eta madarikatzen hasi zen. Marvel gizajoa geroz eta larriago eta mantsoago zihoan. —Arinago! —esan zuen Ahotsak—, okerrena da behar zaitudala nahiz eta asko balio ez izan. —Badakit ez dudala balio. Gainera ni erdi gaixo nago. Bihotza oso ahula dut eta... —Ba nik astinduko zaitut. —Ez, hobea izango duzu ni baketan uztea. Zure planak desbideratuko nituzke eta ... —Zaude isilik eta jarrai! —esan zion—. Nik esandakoa egingo duzu eta besterik ez. —Baina nik ez dut balio... —Isiltzen ez bazara, berriro eskumuturra bihurrituko dizut —esan zion—.Horrela argi batzuk ikustatu zituzten. —Sorburutik helduko dizut herri hau igaro bitartean. Ez zaitez geratu eta ez ezazu ezer egin bestela okerrago izango da eta. Eta horrela igaro zuen Marvelek herri hura berriro ilunetara joan baino lehen. XIV. PORT STOWE Hurrengo goizeko hamarretan Mr. Marvel Port Stowe inguruko ostatu baten aurrean eserita zegoen. Liburuak zituen ondoan. Jantziak Blamblehurst inguruko baso batean utzi zituen Gizon Ikusezinak agindu zion eran. Halako batean egunkaria eskutan zuen marinel zahar bat inguratu zitzaion. —Egun ederra, ee? —esan zion—. —Bai bai, oso ona —erantzun zuen—. Liburuak ikustean, esan zion: —Zer liburuak? Marvel asaldatu egin zen baina erantzun zion: —Ah bai... liburuak bai... —Liburuetan ideia garrantzitsuak daude —esan zuen marinelak—. —Arrazoia duzu —erantzun zuen ingurura begiratuaz—. —Adibidez, egunkarietan berri harrigarriak datoz. —Bai ee? —Egunkari honetan adibidez —esan zuen marinelak—, badago artikulu bat Gizon Ikusezin batez hitz egiten duena. Marvelek ez zekien zer esan. Belarriak gorritzen zitzaizkiola nabaritu zuen. —Zer asmatuko ote dute? —esan zuen, arazoa gutxietsi nahiez— Eta non dago, ba, Australian ala Amerikan? —Dirudienez, hemen dago —erantzun zion—. —Ene ba! —esan zuen benetan asaldaturik—. —Hemen esaten dudanean, inguruan esan nahi dut, ez hemen bertan. —Gizon Ikusezin bat! Eta zer egiten du? —Denetik! Zuk pentsa ahal guztia egiten du. —Badira lau egun egunkaririk irakurtzen ez dudala. —Dirudienez Ipingen hasi da istilua. -Arraioa! —esan zuen Marvelek—. —Sinestezina da. Bi lekuko daudela dirudi, erretorea eta sendagilea. Ikusi, hobeto esan, ez zuten ikusi. Gizon hori Ipingeko ostatuan zegoen eta behin buruko bendak kendu zizkioten. Horrela konturatu ziren. Baina harrapatzen hasi zirenean, ihes egin omen zuen Jaffers polizia zauritu ondoren. Marvel oso urduri zegoen eta alde guztietara begiratu zuen. —Benetan sinesgaitza da. Eta hori al da dena? —Gutxi iruditzen al zaizu? —Ez al da itzuli? Bakarrik al zihoan? —Bat gutxi iruditzen al zaizu? Bat eta nahikoa Jainkoari eskerrak. Marinela pentsakor zegoen. —Ez nago lasai —zioen—, esan dutenez Port Stowera zetorren eta ... Zer egingo zenuke zuk agertuz gero? Nahi duena egin dezake. —Bai, abantaila handiak ditu. —Bai horixe! Marvelek garrantzizko zerbait esan nahi zuen eta isilean esan zion: —Nik badakit zerbait honi buruz. —Zuk? —Bai, harriturik geratuko zara. —Hau da gertatzen dena. Eta hori esatean Ai! eta altxatu zen: —Aiiii! —Zer gertatzen zaizu? —Ez, hagineko minez nago. —Eta eskua aurpegira eraman zuen. Gero liburuak hartu eta; onena joatea izango dut. —Baina ... ez al zenidan Gizon Ikusezinaz hitz egin behar ala? —Gezur bat da —esan zuen Ahotsak—. —Baina ... eta egunkaria? —Ez, ez gezurra da. Badakit nor den hori esaten hasi zena. Hori zorakeria da. —Orduan zergatik egon zara isilik ni hizketan aritu naizenean? Hori al da zure hezketa? —Kontuz zer esaten duzun! —Zer kontuz eta kontuz ondo! Zer ikusi behar dugu? ... Hemen dago idatzita... Marvelek entzuteko denborarik hartu gabe alde egin zuen. Marinelari, beranduago esan zioten, goizean dirua airean zebilela ikusirik jasotzera joan zen gizon batek, buruan jo zutela eta erori egin zela. Altxatzean ez zen ageri dirurik. Hasieran ezin zuen sinetsi, baina gero kontua herri guztian zabaldu zen. Diru etxean ere dirua airean joan omen zen eta ez zutela aurkitu. Inork ez jakin arren, Marvelen poltsikoetara joan zen eta marinela hamar egun beranduago konturatu zen Gizon Ikuse- zinaren ondo ondoan egon zela. XV. KORRIKA ZIHOAN GIZONA Ilunabarrean, Kemp sendagilea bere langelan eserita zegoen Burdock herria aurrez aurre ikusten zuelarik. Liburu eta zientzi aldizkariz beterik zeuden apal guztiak eta mahai gainean mikroskopio, kultibo batzuk eta erreaktiboz betetako botila pilo bat zituen. Eguzkiaren sarrerari begira zegoen eta gizontxo bat ikusi zuen korrika bizian. —Goizean ikusi ditudan bezalako zororen batzuk —esan zuen—. Gizon Ikusezina! esan eta korrika joaten ziren. Hamahirugarren mendean bageunde ere... Gizon horrek presa duela dirudi baina ez doa nahi bezain arin. Horrela etxe tartean ezkutatu zen. Baina gizon ttipi hura gertutik ikusi zutenek, haren aurpegia ikusirik ez zuten Kemp sendagileak bezala pentsatzen. Jendeak harriturik begiratzen zion. Handik laster zakur baten zaunka entzun zen eta ikusten ez zen beste norbaiten arnas hotsa. Jendea oihuka eta korrika hasi zen. Etxeetako ate eta leihoak ixten zituzten. Marvel ere azkenik ia itorik oihuka hasi zen: —Gizon Ikusezina! Badatorrela Gizon Ikusezina! XVI. PORT BURDOCKEKO OSTATUAN Ostalaria, kotxezain batekin zegoen eta beste gizon bizardun bat polizia batekin hizketan ari zen tabernan. —Zer dira oihu horiek? —esan zuen kotxezainak norbait korrika igaro zen bitartean—. —Sua beharbada —esan zuen ostalariak—. Atea irekirik han sartu zen Marvel gizajoa negarrez. Eta atea ixtera itzuli zen berehala. —Badatorrela! Gizon Ikusezinak jarraitzen nau! Atea itxi Jainkoarren! Lagundu! Lagundu! —Itxi ateak —esan zuen poliziak—. Nork jarraitzen zaitu? Zer gertatzen da? —Eta atea itxi zuen—. —Utz iezadazue sartzen eta nonbait ezkuta nazazue. Alde egin dut eta hil egingo nau. —Salbaturik zaude —esan zuen bizardunak—. Atea itxi dugu. —Utz iezadazue sartzen —esan zuen Marvelek eta oihu bat bota zuen kanpoan atea ireki nahirik norbait zebilela entzunda. Une berean kanpotik oihuak eta kolpeak entzun ziren—. —Nor dago hor? —esan zuen poliziak—. Marvelek nonbait sartu nahi zuen: —Hilko nau! Mesedez lagundu! Aizto bat dakar! —Hemen seguru egongo zara —esan zuen ostalariak tabernako tapa altxatzen zuela—. —Ez ezazuela aterik ireki —esan zuen Marvelek—. —Beraz hemen da Gizon Ikusezin ospetsu hori? —zioen bizardunak—. Banuen ezagutzeko gogoa. Ostatuko kristal bat hautsi zen une hartan. Denak isilik zeuden. —Nire porra hemen banu! —esan zuen poliziak—, ez dezaket horrela atxilotu. —Sarrailak ireki —esan zuen bizardunak—, sartzen bada ... —eta pistola atera zuen—. —Ez, hilketa bat izango litzateke —esan zion poliziak—. —Ez, badakit zer egin —eta atera joan eta irekirik esan zuen:—. —Sar zaitez — pistola ezkutatzen zuen bitartean—. Baina inor ez zen sartu. Denak zain zeuden. —Beste ate guztiak itxirik al daude? —esan zuen Marvelek—. —Ai ene! —esan zuen tabernariak—. Begira ezazue egongelara doan atea... —eta tabernatik irten zen—. —Atzeko atea irekia zegoen —esan zuen oso larri—. —Orduan etxeko zokoren batean egongo da —kotxezainak—. —Sukaldean ez dago. Bi emakume daude eta ez omen dute ezer entzun. Bizardunak pistola gordetzen zuen bitartean tabernako tapa hotsa eta egongelako ate hotsa entzun zen. Marveleren oihuak ere bai eta denak tabernara abiatu ziren. Han ari zen Marvel borrokan ahal zuen indarrik gehienez baina hala ere, sukalderantz zeramaten. Handik kanpoko aterantz bultzatzen zutela ikusi zuten. Polizia eta kotxezaina sartu ziren eta zerbait heldu zuten. Baina polizia muturreko batez lurrera bota zuen. Kotxezainak ordea, gogor eutsi eta une hartan Marvelek bere burua libre sentitu zuen eta handik alde egin zuen. Orduan Gizon Ikusezina ukabilka hasi zen eta gizonek: —Non dago? Alde egin al du? —Jarrai —esan zuen poliziak—. —Ikusiko duzu nor garen —esan zuen bizardunak azuleju bat buru gainetik pasa zitzaion une berean. Eta pistola harturik bost tiro bota zituen zuzenbide hartara. —Bostetatik bakarren batek joko zuen —esan zuen—. Ekar ezazue linterna eta goazen bere bila. XVII. KEMP SENDAGILEARI IKUSTALDIA Bitartean Kemp sendagileak bere lanari jarraitu zion. Tiroek asaldatu zuten. —Zer da hau? Nor ote da pistolaz dabilen zoro hori? Leihora irten zen baina argiak eta teilatuak besterik ez zituen ikusten. —Ostatu ondoan jendea dabilela dirudi —esan zuen—. Kempek leihoa itxi eta lanean jarraitu zuen. Ordubete beranduago atea jo zuten. —Nor ote da? —zioen berarekiko—. Neskamea atea irekitzera joan zela konturatu zen eta ondoren behera jaitsi eta galdetu zion: —Eskutitzen bat al zen? —Ez jauna, adarjotzeren bat izango zen. Berriro igo zen eta bere ikerketan murgildu zen. Goizeko ordu bietan altxatu eta gelarantz abiatu zen. Egarria sentitu zuen eta kandela harturik jangelara joan zen, whisky eta sifoia hartzera. Kemp sendagilea oso detailista zen eta eskailera aurrean belztasun bat ikusi zuen lurrean, eta zer ote zen jakin asmoz ukitzean lehortzen ari zen odola zela konturatu zen. Ezin zuen ulertu baina gora joan zen. Ateko sarraila ere berdin zegoen. Gelara sartu eta ohe gainekoan odol putzua ikusi zuen eta ohea nahasirik. Ingurura begiratu zuen eta ez zuen ezer ikusten, baina zarata entzun zuen. Hotzikara nabaritu zuen. Orduko ahots batek: —Kemp! —Zer...? —Lasaitu zaitez —esan zuen Ahotsak—. Gizon Ikusezin bat naiz. —Gizon Ikusezina? —Bai, horrelaxe da. Barrez aritu zela konturatu zen eta esan zuen: —Dena gezur bat zelakoan nengoen. Benda jarririk al daramazu? —Bai. —Ezinezkoa da. Horrek ez du zentzurik. —Lasaitu zaitez Kemp! Zure laguntza behar dut! Mesedez! Esku batek bere besoa estutzen zuela nabaritzen zuen. —Kemp! —oihu egin zuen Ahotsak- Geldi egon zaitez! Eta ohe gainera bota zuen. Kemp indarka askatu nahirik hasi zen, baina ezin zuen eta horrela indar egiteari utzi zion. —Oihurik egiten baduzu —jarraitu zuen—, xehetuko zaitut. Ez dizut kalte egin nahi baina laguntzen ez banauzu. Ez al zara nitaz gogoratzen? Ni Grif naiz, Unibertsitateko zure adiskidea Ikusezina egin naiz. —Griffin? —errepikatu zuen Kem ezin sinetsirik—. —Bai Griffin. Zu baino pixka bat gazteagoa ... handia eta musu gorria... Kimikako saria irabazi zuena. —Ez dut ezer ulertzen. Zer diozu Griffinez? —Griffin ni naiz! —Izugarria da —esan zuen Kempek—. Nola egin da Ikusezina? —Oso sinpleki. Oso erraz ulertzen den prozesu bat da. —Baina... —Badakit izugarria dela ... Zauritua nago eta deneko mina sentitzen dut. Kemp! mesedez eman iezadazu jateko eta edateko zerbait eta hemen lo egiten utz iezadazu. Kempek benda hura alde batetik bestera zebilela ikusten zuen eta! —Mamuek ere ez ... —Whisky pixka bat emango al didazu? —Hor dago eta har ezazu. Eta basoa airean ikusi zuen eta aulki aurrean gelditu zen. —Hau hipnotismoa da, ziur nago. Zuk hori sinestarazi nahi didazu. —Egia dela... Utziko al didazu zure bata janzten? Biluzik ibiltzeko hotz handia egiten du. Galtza batzuk, galtzerdi eta zapatila batzuk ere hartuko nituzke eta batez ere, jana. —Nahi duzuna. Hau da ezagutu dudan egoerarik zentzugabeena. Kempek dena atera zuen eta sukaldetik jana ekarri zion. —Eskumuturreko zauria ez da oso handia izango ala? —Ez, ez. Okerrena odola lehortzean ikuskor bihurtzen dela. —Baina nola arraio...? Honek ez zentzurik. —Bai bai, denak du bere zentzua. —Zer izan dira tiro horiek? — galdetu zuen Kempek—. Zer gertatu da? —Dena gizon gizajo bategatik izan da. Nire dirua lapurtzea pentsatu zuen. Madarikatua! eta lapurtu egin du. —Eta bera ere ikusezina al da? —Ez. —Eta zergatik? —Bueno, zergatik ez didazu zerba jaten uzten? —Zuk bota al zenuen tiroa? —Ez, nik inoiz ikusi gabeko bat izan zen. Baina jende guztia beldurtu egin zen. Gero puru bat eskatu zion eta erretzen hasi zen. —Zu topatzean izan dut zoria. Ia eroturik ibili naiz. Ikusiko duzu biok batera... Eta beste kopa bat bete zuen. —Nik ere hartzea hobea izango dut... —esan zuen Kempek—. —Ez zara ezer aldatu. Lehen bezain lasaia eta ordenatua zara ... Nire asmoak agertuko dizkizut. Elkarrekin lan egingo dugu. —Baina nola lortu zenuen? —Gero esango dizut. Orain puru hau erre behar dut. Baina sukarra igo zitzaion eta hurrengo egunean kontatzekotan gelditu ziren. —Beldurra ematen nion... —errepikatzen zuen behin eta berriz—. Alde egiteko asmoa zuen zital hark! —Baina nondik atera zenuen dirua? —galdetu zion Kempek—. Une batean isilik geratu zen. —Hori gaur ezin diezazuket esan. Geroxeago esan zuen: —Kemp logale izugarria dut. Badira hiru egun lorik egin gabe nagoela. —Onena gela honetan izango duzu. —Baina ezin dezaket lorik egin. Alde egingo du. Ezinezkoa da. Ez litzaidake gustatuko bihar esnatzean gaur ni jarraitzen ibili diren guztien esku egoterik. Kemp zeharo asaldatu zen hau entzutean. —Kirtena naiz gero! Ez nuen esan behar... XVIII. GIZON IKUSEZINA LO DAGO Gizon Ikusezinak gelako bi leihoak eta ateko giltza han ikusi zituenean lo egitea pentsatu zuen. —Asko sentitzen dut —esan zion Kempi—, baina gaur gauean ezin dizut esan egin dudan guztia. Ikerkuntza handi bat egin dut. Isilean gordetzeko asmoa nuen baina ezinezkoa da. Kide bat behar dut eta zu ... Bihar hitz egingo dugu. —Onena lo egitea izango dugu —erantzun zuen—. Gabon. Eta aterantz abiatu zen. Baina bat batean bata hura inguratu zitzaion eta besaburutik helduaz esan zion: —Ongi ulertuko zenuen ez da? Ez zaizu bururatuko ... Kempek irmo erantzun zion: —Nire hitza eman dizut. Gelatik irten zenean, barrutik ateko giltzaz isten zutela konturatu zen. —Ametsetan ari ote naiz? Mundua erotu da ala ni erotu naiz? Eskailerarantz joan zen, baina itzulirik esan zuen: —Egia da! Ez dago zer eginik. Hi ere... Eta eskailerak jaitsi zituen. Jangelan paseatuz zebilen. —Ikusezina... ez da posible! —zioen- Ba al dago Ikusezina den animaliarik...? Itsasoan bai. Egia da, itsasoan izaki ikusezin gehiago dago ikuskor baino. Bai, medusak, animalia mikroskopikoak eta ur gelditan ere bai! Baina airean ez!Ezinezkoa. Baina zergatik? Eta honela bere pentsakizunetan murgildu zen. Halako batean goizeko egunkariak irakurtzen hasi zen eta. —Jantzietan ezkutaturik! —esan zuen Kempek—. —Inork ez zukeen jakin behar bere zoritxarra. Zertan ari da Griffin? Ze joko darama? Eta beste bat harturik esan zuen: —Jakin dezagun egia. Jainko maitea! —esan zuen Ipingen gertatu zena irakurri ondoren—. Jaffers zentzurik gabe, Mr. Huxter zauritua. Erretorea egoera lotsagarri hartan eta abar luze bat. “Dena asmatua izango da”, esan zuen. —Hemen ez du arlote hura aipatzen. Zergatik harrapatu nahi ote zuen hura? —Ez, Ikusezina bakarrik ez — pentsatu zuen—, baizik eta zeharo erotua dago! Hiltzaile bat da! Ezin zuen lorik egin eta goizean zerbitzariek han aurkitu zuten. Denei beheko eta lehengo pisuan egoteko agindua eman zien eta bera egunkaria iritsi zain geratu zen. Honek ezer gutxi zekarren baina bai Port Burdockeko historia berria. Han agertzen zen Marvel aurreneko aldiz baina honek liburu eta diruaz ez zuen ezer kontatzen. Egunkari guztiak erosi zituen. —Ikusezina! Jendea haserre eta histeriko dago eta bera nire gelan lasai. Zer egin behar dut? ... Bai bere konfiantza galtzea litzateke baina ... Ez hori ez dezaket egin. Eseri eta ohar bat idatzi zuen. Azalean “Adye koronela, Port Burdock” idatzi zuen. Une horretan esnatu zen Gizon Ikusezina eta umore txarrez, zirudienez aulki hotsa entzun baitzen. Kempek igo eta atea jo zuen. XIX. OINARRIZKO FUNTS BATZUK —Zer gertatzen zaizu? — galdetu zion Kempek—. —Ezer ez. —Eta aulki botatze hori? —Ez, umore txarrez nengoen eta ... —Eta horrela jokatzen al duzu sarri? —Bai. Kempek kristal puskak biltzen zituen bitartean esan zion: —Egunkarietan dator dena. Guztia dakite, gauza bat ezik. Non zauden ez dakite. Zure existentzia ez da sekretu bat. Ez dakit zer pentsatzen duzun, baina lagunduko dizut. Gosaltzera terrazara igo ziren. —Lehenik zure ikusezintasuna agertu behar didazu. —Oso sinplea da dena eta sinets erraza gainera —ezan zion Griffinek—. —Zuretzat bai, baina... —Bai, hasieran zoragarria zen baina... Honetan Chesilstowen nengoela hasi nintzen. —Chesilstowen? —Bai Londresetik alde eginda gero. Fisika lanetan murgildu nintzen. Argiaren arazoak liluratzen ninduen. Dentsitate optikoaren arazoak. Sei hilabete igaro zirenean zenbait ideia argitu zitzaidan. Pigmentapen eta errefrakzioari buruzko funts orokor bat aurkitu nuen. Lau dimentsio zituen formula bat zen. Ideia bat zen, ez zen metodo bat, baina metodorantz zihoan ideia bat. Honekin materiaren beste berezitasunak aldatu gabe, zilegi litzateke gai baten errefrakzio indizea beheratu, gai hori solidoa ala likidoa izan, airearen indizea lortu arte. —Arraioa! —esan zuen Kempek— Horrela harri bitxi bat hondatzea daitekeena da baina hortik ikusezintasuna lortzea... —Hain zuzen ere —jarraitu zuen Griffinek—, ikuskortasuna, gorputz ikuskorrak argiarengan eragiten duten ekintzaren baitan dago. Badakizu, gorputz batek edo argia xurgatzen du, edo islatu edo errefraktatu edo denak batera egiten ditu. Iristen den argi guztia islatuko balu, zuri distiratsua izanen litzateke. Diamante batek ez luke xurgatuko ez eta islatuko ere, baizik eta batzuetan argia islatu eta errefraktatu egingo litzateke. Beirazko, bidriozko, kutxa bat ez litzateke hain distiratsua eta ikuskorra izango, bertan errefrakzio eta isla gutxiago egongo litzatekeelako. Ulertzen al duzu? Harri-kristalezko kutxa bat kristal normal bat baino distiratsuago izango litzateke. Kristal normal fina argi gutxiz ikustea oso zaila litzateke ez bailuke ia argirik xurgatuko eta errefrakzio eta isla ere oso txikiak izango lirateke. Uretan beira normal bat sartuko bazenu edo ura baino dentsoago den likido batean, desagertu egingo litzateke. —Ados nago —esan zuen Kempek—, hori oso erraza iruditzen zait. Edozein haurrek daki gaur hori. —Edozein haurrek ezagutzen duen beste gauza bat esan behar dizut. Beirazko xafla bat hausten denean, hauts zuriska bihurtzen da eta oso argi gutxi igarotzen da hauts horretatik. Baina hauts hori uretara botatzen badugu, desagertu egingo da. Beira hautsak eta urak errefrakzio indizea antzekoa dute eta argiak ez du ia aldaketarik nabaritzen batetik bestera igarotzean. Beira ikusezina bihurtzen duzu bere antzeko errefrakzio indizea duen likido batean eta hau, gardena den edozein gauzaz egin dezakezu. Ongi pentsatzen baduzu, airearen errefrakzio indizearen berdina lortuz gero, beira hautsa desagertu egingo litzateke. —Bai noski, baina gizona ez da beira hautsa —erantzun zuen Kempek—. —Ez —esan zuen Grirfinek—, gardenagoa baita! —Bai, zera izango da! —Eta hori sendagile batek esatea! Baina daitekeena al da fisika hamar urtetan ahaztea? Papera adibidez, gardenak diren izpiz osatua dago eta beira hautsa zuria den arrazoi berarengatik da zuria. Eta ez papera bakarrik, baita kotoi izpiak, hari izpiak, egur izpiak! hezurrak Kemp! haragia, ilea, Kemp! azkazalak eta nerbioak ere bai Kemp! Gizonaren ehun guztiak, odolaren gorritasuna eta ilearen pigmentua ez beste, dena koloregabea da. —Noski! Arrazoia duzu! —esan zuen Kempek— Atzo gauean nik medusa eta itsas larbak nituen gogoan! —Ulertzen al didazu? ... Hau dena Londresetik alde egin nuenean bururatu zitzaidan, baina dena isilik gorde nuen. Nire lanak isilekoa behar zuen. Nire irakaslea Hobonema oso handiputza zen. Beti ideiak lapurtzen ari zen. Ez nion inori esan eta pigmentu arazoan lan gehiago egin nuen eta ia nahi gabe Fisiologiako aurkikuntza bat egin nuen. —Nola? —Odolaren kolore gorria zuri bihur zitekeela aurkitu nuen eta inongo berezitasunik eta funtziorik galdu gabe. Kempek harridurazko oihu bat bota zuen. —Harriturik egotea ulertzen dut. Gogoratzen naiz. Gaua zen. Dena garbi nuen. Bakarrik nengoen Laborategian. Animalia bat garden bihur dezaket! Ni Ikusezina izan naiteke. Eta hau errepikatzen nuen izarrei begira nengoelarik. Eta horrek zer esan nahi zuen pentsatzen hasi nintzen. Misterioa, boterea, askatasuna. Ez nuen alde txarrik ikusten. Ni ez nintzen inor oraindik. Ez ninduen inork ezagutzen. Edonor abiatuko zen abentura hartan. Hiru urtez lan egin nuen eta konturatu nintzen nire ikerkuntzak ezin nituela bukatu. —Zergatik ba? —Dirua — esan zuen leihotik begiratzen zuen bitartean—. Aitari lapurtu nion... Baina ez omen zen berea eta bere burua hil zuen tiro batez. XX. GREAT PORTLAND STREETEKO ETXEA Kempek begiratu eta besotik helduaz: —Nekatuta zaude —esan zion—, eseri zaitez. Griflfin eseri zen eta honela jarraitu zuen: —Hau gertatu zenean, ni ez nengoen Chesistowen. Iazko abendua zen. Londresen gela bat alokatu nuen Great Portland Street inguruko auzo pobre batean. Nire lana amaierara iristen ari zen. Aitaren hiletara joan nintzen. Hotz handia egiten zuen. Ez nuen errukirik sentitzen. Haurtzaroko lekuak ikusi nituen. Ez nintzen nire bakardadeaz konturatzen. Gelan sartzean, errealitatera itzuli nintzela nabaritzen nuen. Egun hartan, han zegoen dena nire zain. Gero adieraziko dizut prozesua. Gehiena alfer hark dituen liburutan klabean idatzirik dago. Beharrezko ditugu liburuak! Urrats nagusia, errefrakzio indizea beheratu behar zuen objektu gardena dardara bat irradiatzen zuten bi zentzutan jartzea zen. Ez ziren Rontgen irradiapenak. Bi dinamo txiki behar nituen eta gasezko motor batez ibili erazi nituen. Nire lehen esperientzian artile zati bat erabili nuen. Benetan harrigarria zen desagertzen ikustea. Baina han jarraitzen zuen, orain, ikusezina bazen ere. —Orduan katu bat ikusi nuen. Pentsa dezakezu zer asmo nuen. Esne pixka bat eman nion eta ez zen oso erraza izan drogak sartzea. Eta hala ere, esperientziak akatsa izan zuen. —Akatsa, zer dela eta? —Bi gauzetan. Azkazalak eta begi atzean duten pigmentu bat, ez dakit bere izena, ez ziren ikusezin bihurtu. —Tapetum du izena. —Bai, tapetum. Katua bendatua zegoen baina esperimentu erdian esnatu zen eta marruka hasi zen. Atea jo zuten eta beheko atsoa zen, katua harena zen. Kloroformo pixka bat hartu eta lo jarri nuen. “Ez andrea, hemen ez dago katurik” esan nion. Ez zuen sinetsi noski, baina joan zen. —Zenbat denbora behar izan zenuen? —galdetu zuen Kempek—. —Hiru bat ordu. Azkenik desagertu zirenak, hezurrak, gantzak eta koloredun ileen puntak izan ziren. Oso berandu zen eta ez ziren begi eta azkazalak besterik ikusten. Katua askatu nuen. Lotara joan nintzen baina ezin nuen. Azkenik amets xelebreak egin nituen. Ordu biak inguruan katua marruka hasi zen. Argia piztu eta bi begi ikusi nituenean, nik hartu nuen sustoa! Ezin nuen isildu eta leihoa ireki nion. —Zer esan nahi duzu, katu ikusezin bat dabilela munduan? —galdetu zion Kempek—. —Hil ez badute bai —esan zuen Griffinek—, zergatik ez? —Bai egia da —esan zuen Kempek—, jarrai ezazu. —Nolanahi ere, ziurrenik hilko zuten —esan zuen—. Badakit bi egun geroago bizirik zegoela, jende multzo bat ikusi bainuen Great Tichfield Streeten, katu marruak entzuten ziren inguruan. Gizon Ikusezin bihurtu baino lehenagoko azken goizaz ongi gogoratzen naiz. Zerbait berezia nabaritzen nuen. Amaierako gutxi falta zela, konturatzen nintzen zein zaila zen azken urratsa ematea. Lau urte luzetan indar guztiak galdu nituen. Ez zitzaidan ezer axola. Baina garbi ikusten nuen bukatu behar nuela lan hura. Gainera dirurik gabe geratzen ari nintzen. Etxera joan nintzen, zerbait jan eta estriktina hartu nuen eta ohean sartu nintzen. —Bai estriktinak asko indartzen du bat —esan zuen Kempek—. —Bai, oso indartsu esnatu nintzen eta nahiko haserre. Norbaitek deitzen zuen eta nire gelaren jabea zen. Katuaren kontua argitzera zetorren. Nik ukatu egin nion, baina dena ikusten hasi zen eta galderak egiten. Ni beldur nintzen zerbait susmatzen ote zuen eta alde egiteko esan nion. Heldu eta eskaileratik behera bota nuen. Atea itxi eta eseri nintzen. Ekintza honek dena aldatu zuen. Lekuz aldatzeak atzerapena zekarren. Zergatik ez desagertu? Orduan kalera irten nintzen nire hiru liburuekin eta Posta etxetik Great Portland Stretera bidali nituen. Itzuli eta dena gau hartan egin nuen. Odola koloregabetzen zuten drogen efektupean nengoela atea jotzen zutela entzun nuen. Gero berriro jo zuten. Haserreturik atea ireki nuen eta —Zer da?— esan nuen. Etxe jabea zen. Alde egiteko agindua zekarren eta aurpegira begira geratu zitzaidan. Ahozabalik zegoen. Garrasi bat egin eta korrika irten zen. Atea itxi eta ispilura joan nintzen. Nire aurpegia zeharo zuria zegoen. —Izugarria izan zen. Gau guztia botaka eta zorabiatuta igaro nuen. Katuaren marruak orduan ulertu nituen. Baina eutsi egin nion. Minik ez nuen ia. Baina hiltzera nindoala zirudien eta ez zitzaidan axola. Nire eskuak beira bezalakoak zirela ikusten nuen. Hezurrak, zainak eta azkenik nerbioak, mehe eta zuriak. Azkenean azkazaletan puntu zuri batzuk bakarrik geratzen zitzaizkidan. Ez neukan indarrik. Ispilura nola edo hala iritsi nintzen eta begietan belztasun bat ikusi nuen. Eta horrela prozesua bukatu zen. —Orduan lo hartu nuen. Eguerdian atea jo zuten. Jaiki eta tresnak gelan ongi jarri nituen. Jabea eta beste batzuen ahotsak entzun nituen. Eta denbora gehiago izateagatik erantzun egin nien. Leihoa ireki nuen. Baina atea ireki nahiez, danbatekoak ematen hasi ziren. —Paper eta lasto pixka bat hartu, gasa ireki eta pospolo bila hasi nintzen, baina ez nituen aurkitu. Orduan leihotik salto egin eta uretan sartu nintzen. Orduko atea ireki zuten... Jabea, bere bi seme eta beheko atsoa ziren. Harriturik geratu ziren inor ez ikustean. Dena arakatu zuten baina ezer ez. Irudipen bat izan zela pentsatu zuten. Zaharrak, nik disekzioak egiten nituela zioen, semeak berriz elektronikoa izango nintzela tresna asko nuela eta. Orduan beste bizilagun batek atea jo zuen eta denak joan ziren. Ni barrura sartu eta erradiadore bereziak hautsi nituen dinamo bat gainera botaz. Haiek hartu zuten sustoa! Nola gerta ote zitekeen pentsatzen zuten bitartean euren artetik igaroaz eskaileratatik jaitsi eta egongela batean sartu nintzen. Behera jaitsi zirenean, gelara igo, arropa eta paperak pilatu eta gasa irekiaz su eman nion etxeari. —Su eman etxeari? —oihu egin zuen Kempek—. —Noski ba!, nire aztarnak banatzeko bide bakarra zen. Kalera irtetean, ikusezina izateak zer abantaila zituen konturatu nintzen. XXI. OXFORD STREETEN Asko kosta zitzaidan lehen aldiz eskailerak jaistea. Ezin nuen behera begiratu. Ikusezina izatearen abantailak agertzeko gogo izugarria nuen: Great Portland Streetera iritsi orduko norbaitek atzean jo ninduen. Sifoiez betetako saski bat zeraman gizona zen. Saskiari begira zegoen eta nik esan nion “Saski hau sorgindurik dago”, eta kendu egin nion. Taberna aurrean zegoen kotxezain bat jasotzen hasi zen eta konturatu gabe behatzak begietan sartu zizkidan. Orduan saskia utzi eta zenbat jende inguratu zela ikustean leiho batetara igo eta alde egin nuen eta Oxford Streetera sartu nintzen. Hango jende pila! Zapaldu egiten ninduten eta espaloitik jaistea erabaki nuen, baina orduan gurdi batek jo ninduen. Atzetik joatea pentsatu nuen. Hotzak nengoen eta ni biluzik nindoan. Orduan kotxe barrura sartzea erabaki nuen. Handik denbora gutxira emakume batek geratzeko agindu zion. Noski taxi bat zen! Salto egin eta Bloomsbury Square inguruan nengoen. Izozturik baina, hara non hasten den zakur bat zaunkaka eta non datorren niregana. Zakurrak noski bazekien ni han nengoela. Usaimenak, ikusmenak baino gehiago ahal du horrelakoetan. Korrika nindoan eta Russell Squaretik zetorren jendea ikusi eta musika hotsa entzun nuen. Ezinezkoa tartetik igarotzea. Geldi geratu nintzen eskailera batzuetan. Bi mutiko zeuden nire inguruan. “Konturatu al zara?” esan zuen batek. “Zer?”. “Bai gizona, lurrean dauden arrasto horiek”. Garbitu berri zeuden eskailera haietan nire oinek utzitako arrastoak ikusi zituzten. “Norbait oinutsik igo da hemendik eta ez da oraindik jaitsi”. “Begira Ted”, esan zuen gazteenak. Nik begiratu nuen eta nire oinen ingurumaria oso ongi ikusten zela konturatu nintzen. “Hau da gauza xelebrea!”, esan zuen zaharrenak “Mamuren batenak direla esan daiteke”. Handik zebiltzan gizon bat eta bere haurra ere gelditu egin ziren. Nik salto bat eman eta korrika abiatu nintzen espaloian. “Zer gertatzen da?”, galdetu zuen batek. “Korrika doazela oin batzuk!”. Beste aldera igaro eta atzetik zetozela ikusi nuen. Bi edo hiru kale igaro eta eskuz lehortu nituen oinak. Azkenik alde egin nuen. Korrikaldi hark berotu ninduen baina bizkarreko mina nuen eta gainera eztul batzuk egiten nituen eta ikusten nuen zakur bakoitza arrisku izugarria zen. Halako batean gizon eta haur pilo bat. Sua! Sua! zioten. Nire lehengo etxea zen. Nire aztarna guztiak, liburuak eta txeke liburuxka ez beste, erretzen ari ziren. Hemen Gizon Ikusezina gelditu egin zen. Kempek urduri begiratzen zuen leihora eta esan zion: —Zergatik ez duzu jarraitzen? XXII. EROSTETXE HANDIETAN Horrela joan den urtarrilean bizitza berri bat hasi nuen. Ez nuen inongo gordelekurik ez eta lagunik ere. Ez nuen inongo plangintzarik egin. Nire lehen helburua gordeleku bat aurkitzea zen eta han astiro pentsatuko nuen. Okerrena, Ikusezina izan arren, ate itxiak ezin nituela igaro. Orduan ideia on bat bururatu zitzaidan. Omnium Erostetxe inguruan nengoen eta han sartzea erabaki nuen. Ez nintzen oso seguru aurkitzen han. Koltxoiak saltzeko lekuan etzan nintzen. Onena ixteko ordura arte han egotea zen. Gero jana eta jantziak lapurtuko nituen. Hurrengo urratsa dirua lortu eta liburuak eskuratzea eta nonbait gela bat alokatzea izango zen. Hertsi eta denek alde egin zutenean, ekintzan hasi nintzen. Lehenik eskularruak saltzen ziren lekura joan nintzen. Gero barrengo arropak, galtzerdi lodiak, galtzak, txaketa, berokia eta sonbreiru handi bat. Gero gosea sentitu nuen eta kafetegian, urdaiazpikoa, pastel batzuk eta kafea hartu nuen. Jostailu dendan gezurrezko sudur batzuk hartu nituen. Betaurrekoak ere nahi nituen baina ez zegoen. Eta koltxoitegira berriro itzulirik, lo hartu nuen. Lapurtutako diruaz, pentsatu nuen, betaurreko batzuk erosiko ditut. Esnatu nintzenean, ez nintzen konturatu non nengoen. Altxa eta ahotsak entzun nituen. Bi gizon zetozela ikusi nuen eta korrika abiatu nintzenean, hotsen bat atera nuen. “Nor dabil hor?” “Geldi” eta jarraika hasi ziren. “Erne ate horiek”. Ni salmahai atzean ezkutaturik nengoen eta arropak kentzen hasi nintzen. Halako batean: “Hemen dago!”. Zutik jarririk aulki bat bota nion esan zuenari eta korrika gorantz joan nintzen. Denek jarraitzen ninduten. Kafetegira iristean, sukaldari bat ere atzetik nuen. Beste salmahai baten atzean sartu eta galtzak eta jaka kendu nituen, baina barrengo arroparik ezin nuen atera. “Hemen, Polizia! Hemendik!”. Berriro ohe artean nintzen eta han nola edo hala kendu nituen geratzen zitzaizkidan jantziak. Berriro libre nintzen! Han zetozen poliziak. “Lapurtu duen arropa uzten ari da!”, zioen gazte batek; “hemen izango da”. Baina ez zuten lortu. Gero kafetegira joan eta han eseri nintzen. Handik denbora gutxira bi langileren gaizki-esakak entzun nituen. Ni, berriz, handik nola irten pentsatzen ari nintzen. Ezin nuen ezer lapurtu. Hamaikak inguruan, eguzkia epeltzen hasi zenean, irtetea erabaki nuen, baina nora joan jakin gabe. XXIII. DRURY LANEN —Konturatuko zinen —jarraitu zuen gizon Ikusezinak—, oso egoera txarrean aurkitzen nintzela. Ez nuen non egonik, jantziz gero beste edozein bezala nintzen. Eta gainera baraurik egon behar, ze urdaila asimilatu gabeko janariz beteaz, ikuskor bihurtzen bainintzen. —Ez nintzen konturatzen —esan zuen Kempek—. —Ni ere ez. Elurretan aztarnak uzten nituen. Euriak burbuila distiratsu bat bezala bihurtzen ninduen. Lainotan antzeko zerbait eta Londreseko kaleetan zikindu egiten nintzen. —Noski, Londres oso zikina da... —Great Portland Street ingurura joatea erabaki nuen berriro eta denda ttipi horietako bat aurkitu nuen. Drury Lane inguruan. Inor ez zegoen eta sartu egin nintzen. Etxe zaharra zen. Atea irekitzean, txirrina entzun zen. Gizon bat agertu zen eta inor ez ikustean, “Mutiko nazkagarri hauek...” esan zuen. Nik gauza jakinak behar nituen, ileorde, betaurreko, maskara eta jantzi batzuk. —Gizona sartu zenean, ni atzetik abiatu nintzen. Hark zerbait sumatu zuen eta gelditu egin zen. Alde guztietara begira hasi zen eta bere etxebizitzako atea zabalik zegoenez, barrura sartu nintzen. Jaten ari zen nonbait eta ni beste gela batetara sartu nintzen. Baina bera ez zegoen lasai eta etorri egin zen. Gela hartan arropa pilo bat zegoen eta ni ikusten ari nintzen. Atea ireki zuenean, pistola zahar bat zeukala ikusi huen. —Gero, geldi-geldi itxi zuen atea, baina giltzaz. Orduan konturatu nintzen giltzapeturik nengoela. Eta haserreturik ostiko batez apal batzuk bota nituen. Lehen baino haserreago etorri zen eta dena miatzen hasi zen. Nik ezin nuen gehiago eta buruan jo nuen. —Buruan? —esan zuen Kempek. —Bai, zentzurik gabe utzi nuen eta aulki batez jo eta eskaileratik behera bota nuen. —Baina, zer astakeria... —Ez, nik irten beharra nuen, Kemp, eta inork ikusi gabe. Maindire batez lotu eta han utzi nuen. —Maindire batez? —Kemp geroz eta harrituago zegoen—. —Bai, poltsa bat bezala egin nuen. Ez iezadazu horrela begiratu. Pistola bat zuen eta poliziari ere esango zion. —Baina —esan zuen Kempek—, Ingalaterran eta gaur... Gizon gizajoa bere etxean zegoen eta zu lapurretara joan zinen. —Lapurtu? Besterik ez nuen beharl Hurrengoan lapurra deituko nauzu. Zer esan nahi duzu? —esan zuen Griffinek oso serio—. Kempek esan zion: —Bueno... beste irtenbiderik ez zenuen, ez. Harrapatuta zeunden. —Noski baietz. Arrazoia emango didazu, ala? —Nik ez diot inori ematen. Ez da egin behar hori. —Gero zerbait jan, arropak hartu, betaurreko, bibote, ileorde eta dirua hartu eta alde egin nuen. Jendeak ez zidan begiratzen eta nik pozik sentitzen nuen neure burua. —Zer gertatu zen Strandera irten zinenean? —Ooh! beste nahigabe bat. Nire ustez arazoak bukatuak zeuden. Bazkari on bat egitea pentsatu nuen. Jatetxera sartu eta ekarri zidatenean konturatu nintzen aurpegia ikusi behar zidatela. Altxa eta amorratuta irten nintzen. Azkenean erreserbatu batean zerbait jan eta irten nintzen. Zenbat eta gehiago pentsatu orduan eta gehiago konturatzen nintzen zer zentzugabekeria zen Gizon Ikusezin bat klima hotz eta jendez beteriko leku batean. Arratsalde hartan zeharo dezepzionaturik gelditu nintzen. Gauzak lortzeko erraztasuna banuen, baina gozatzeko ez. Gizon Ikusezinak geldiune bat egin eta leihotik begiratu zuen. —Baina nola iritsi zinen Ipingera? —esan zion Kempek—. —Lanera joan nintzen. Itxaropen bat zen eta da. Nahi dudanean, berriro ikuskor egitea lortzea. Horregatik etorri naiz zurekin hitz egitera. —Zuzenean joan al zinen Ipingera? —Bai. Liburuak eta txeke liburuxka hartu eta material bat eraman besterik ez nuen egin behar. Liburuak berreskuratzen ditudanean, erakutsiko dizkizut. —Baina, zer gertatu zen gero? —galdetu zuen Kempek—, herenegun, konturatu zirenean...? Egunkariek... —Bai, egia da. XXIV. PLANGINTZAK HUTSEGIN —Bueno —esan zuen Kempek leihotik begiratuaz—, eta guk zer egingo dugu orain? Griftinengana inguratu zen etxerantz zetozen hiru gizonak ikus ez zitzan. —Zeintzuk ziren zure planak Port Burdocken sartzean? —Nire asmoa Ingalaterratik alde egitea zen. Baina, orain zurekin hitz egitean aldatu egin dut asmo hori. Orain eguraldi ona egiten hasi du eta biluzik ibil naiteke. Arlote hura dirua eta ekipaia eramateko erabili nuen. Orduan lapurreta egin zuen zital hark! Nire liburuak bere eskuetan dituela ba al dakizu! Horiek lortu behar ditugu lehenik. —Baina non dagoen ba al dakizu? —Polizi komisarian dago eta bere borondatez gainera —esan zuen—. —Honek zure plana aldatzen du. —Liburuak behar ditut. —Noski baietz —esan zuen Kempek. Urduri zegoen ea urrats batzuk entzuten zituen—; liburuak behar ditugu. Kempek hizketan jarraitu nahi zuen, baina ez zekien zer esan. Gizon Ikusezina aurreratu zitzaion. —Zuk ulertzen nauzu. Zerbait egin dezakegu. Ez zenion ba inori ezer esango? —Ez noski —esan zuen oso urduri—. Gizon Ikusezinak jarraitu zuen: —Nik bakarrik hau dena egitea, hutsegite handia izan da. Behar zaitut Kemp. Abantailak eta desabantailak ongi neurtu behar ditugu. Oso erraza zait edozein lekutara inguratzea eta hiltzea. Bai eta alde egitea ere. Horregatik hori egin behar dugu. Kemp. —Ni ez nator ados Griffin —esan zion Kempek—; zergatik erail? —Ez litzateke hilketa arrunt bat izango. Jendeak badaki Gizon Ikusezin bat badagoela. Orduan honek indarkeriazko botere bat sortuko luke. Erraza izango zaigu. —Griffin, zure lankidea —esan zion Kempek— egoera larrian aurkituko litzatekeela iruditzen zait. —Inork ez luke jakingo —erantzun zuen—. Eeeeh! Zer gertatzen da behean? —Ezer ez Griflfin —esan zuen Kempek—; ez nago ados. Nola nahi duzu hori dena egitea? Gizon Ikusezinak isildu arazi zuen. —Norbait dator eskaileratan gora. —Ez ezazu zorakeriarik esan. —Ea ikus —eta atera inguratu zen—. Dena batera gertatu zen. Kempek ez zion utzi nahi. —Saldua! —oihu egin zuen Griffinek. Eta jantziak kentzen hasi zen. Kempek atea ireki zuen—. Kempek atzeraka bota zuen Gizon Ikusezina eta jauzi bat eginez irten egin zen atea giltzaz kanpotik ixten hasten zelarik, baina Gizon Ikusezinak indar eginez irekitzea lortu zuen. Eskaileratan gora Burdockeko polizi burua, Adve koronela zetorren eta harri eta zur geratu zen bata huts bat airean zihoala ikusirik. Bat batean zartada on bat sentitu zuen eta eskaileratan amildu zen. Gero sarrerako atea itxi zela konturatu zen eta Kemp eskaileratan behera jantzi mordo bat eskutan zuela zetorrela ikusi zuen. —Nazkagarri alua! —oihu egiten zuen Kempek—. Alde egin digu! XXV. GIZON IKUSEZINAREN EHIZA Kempek, Adye koronelari gertakizun guztiak kontatu zizkion. —Erotua dago, berekoi bat besterik ez da. Gaur esan dit dena... Besteei gaitz eginez ibili da. Eta okerrena ez dugula aldatuko. —Egin behar duguna —esan zuen Adyek—, ahalik azkarren harrapatzea da. —Baina nola? —oihu egin zuen Kempek—. Berehala hasi behar dugu. Inguratu ezazu bailara hau. Tren, bide eta itsasontzietan ere zaintzaileak jarri beharko ditugu. Liburu batzuk behar ditu eta horiek Marvelek ditu. Zure komisarian dago ez? —Bai, baina... —Bai, berak ez dituela esaten du. Baina Gizon Ikusezinak hori pentsatzen du. Gau eta egun zaindu behar dugu. Ate guztiak giltzaz itxi. Nahiago nuke elurra egingo balu... Gizon hori benetako arriskua da, koronela. —Zer egin dezakegu? Zatoz zu ere zerbait antolatzera. Zer gehiago? Eskailerak jaitsi eta esan zuen Adyek: —Zuzenean geltokira joan behar dugu. —Zakurrik lortu al dezakezu? —esan zuen Kempek—. —Oso ideia ona. Badakit nork dituen batzuk. Zer gehiago? —Gogoratu, janaria ez dela ikusezina. Jaten duena asimilatu arte ikusgaia izango da. —Bai, ongi. Aurkituko dugu! Bai horixe! —Noski — esan zuen Kempek—, beira hautsa bota bideetan. Badakit gogorra dela baina... —Ez, ez da oso jatorra. Baina behar badugu ere prestatua eduki dezatela. —Gizon hori ez dela gizakoia errepikatu dizut. Gizartetik bereiztea bere hautapena izan da... eta bere odolez ordainduko du ausardia hori. XXVI. WICKSTEEDDEN HILKETA Gizon Ikusezina irakiten irten zen Kempen etxetik. Haur bati ostikoz orkatila hautsi zion irteeran. Gero ezkutatu egin zen. Inork ez zuen aztarnarik. Zalantzarik ere ez, Kempek egin zionari erantzun bat bilatzera joan zela. Ordu bi eta erdiak arte inork ez zuen jakin haren berririk. Koronelaren aginduz, jendea haren bila zebilen. Goizean oraindik ipuin edo kondaira zena, arratsaldean etsai arriskutsu bihurtu zen. Baserrietako jendea amen batean prestatu zen. Trenak ateak ongi itxirik zebiltzan. Gizonak hirunaka edo launaka fusil eta zakurrez horniturik zebiltzan bila. Ilunabarrerako alde guztietara deia zabaldu eta antolatu zuten. Beldur ikara hezurretaraino sartu zitzaien eta Wicksteedd eraila izan zela entzun zenean bi aldiz. Lord Burdockeko guardia etxetik gertu gertatu zen hau. Borrokan ibili zirela zirudien. Metalezko barra batez jo zuela dirudi. Haur batek, Mr. Wicksteedd ikusi omen zuen zerbait jotzen. Baina ez dakigu ziur nola gertatu zen. Ziur dakiguna Wicksteedd hila aurkitu zutela eta burdinazko barra odoldua sasi artean. Bitartean, Gizon Ikusezina, Kempek bere kontu guztiak jakin zituela, ohartu zen. Konturatu zen zakurrez zebiltzala bere bila eta erabat kikilduta zegoen. Baina, hurrengo goizean beti bezalakoa izaten jarraitzen zuen; handinahi, gaizto eta ekintza zalea. XXVII. KEMPEN ETXEAREN INGURAKETA Kempek paper zikin batean arkatzez idatzirik iritsi zitzaion oharra irakurri zuen: —Oso azkarrak izan zarete —zioen oharrak—. Ez dakit zer nahi duzuen. Nire aurka zaudete denok. Nik hala ere jan eta lo egin ahal izan dut. Jokoa orain hasi da. Indarkeriazko Erreinua orain hasiko da. Esan Port Burdockeko koronelari hemen ia ez duela Erreginak agintzen. Nik agintzen dudala. Hau garai berri bateko lehen eguna da: Gizon Ikusezinaren Garaia da. Hasteko gaur adibidez, Kemp izango da lehen biktima. Alferrik ezkutatuko da. Heriotza iritsiko zaio gaur. Kempek berriro irakurri zuen. —Ez da txantxetan ari —esan zuen—. Bera da! Benetan ari da! Papera tolestean, Hintondeanengo Posta-etxeko zigilua ikusi zuen. Neskamea deitu zuen eta etxeko ate guztiak ongi itxirik zeuden begiratzea eskatu zion. Gero bere pistola hartu eta txaketako poltsikoan sartu zuen. Eskutitz batzuk idatzi zituen, Adye koronelarentzat bat eta neskameari eman zizkion. —Zuk ez duzu arriskurik, joan zaitezke lasai. Gero bere langelara joan zen eta: —Zure jokoa jokatuko dugu Grifiin. Ikusiko dugu. Egunero beharko du jana. Nahiago nuke hotza eta elurra egingo balu... Atea jo zuten eta korrika jaitsi zen. Adye koronela zen. —Zure neskameari eraso dio Kemp! —Ez, ezinezkoa da! —Bai zeramatzan eskutitzak kendu dizkio. Gertu dabil. Utz iezadazu barrura sartzen. Neska gaixoa histerika dago komisarian. Zer esan nahi zenidan? —Geldo bat izan naiz —esan zuen—. Hintondean hemendik nahiko gertu dago. —Zer gertatzen da? —esan zuen Adyek—. —Begira... — eta bere langelan zegoen ohar hura erakutsi zion—. —Orduan zuk... —Nire asmoa, Gizon Ikusezinari iruzur egitea zen. Baina orain badaki. —Beharbada alde egingo du —esan zuen Adyek—. —Beste batek bai, baina berak ez. Goiko leihoetako kristalak hausten hasi ziren. Gora igo ziren eta dena apurturik zegoen. —Ez al dago hemen pertsianarik? —Ez, hemen ez. Behekoak bai, baina... Aizu! Behean pertsianak hausten hasi ziren. —Erotua dago! —esan zuen Kempek—. Lo gelaren batean ari da. Gainera pertsianak itxirik daude eta kristalak kanpora joango dira eta oinetan ebakiak egingo ditu. —Badakit zer egin! —esan zuen Adyek—. Eman iezadazu makila bat edo zerbait eta zakurren bila joango naiz. Beste leiho bat hautsi zen tarte horretan. —Pistola utzi iezadazu —esan zion Adyek—, zu hemen seguru zaude. Atera joan ziren eta ahalik azkarren irten zen. Adye bazihoan, baina ahots batek esan zion: —Itzul zaitez etxera! —Ezin dut —esan zuen Adyek bere urduritasuna ezkutatu nahirik. Ahotsa aurrez aurre eta ezkerrera zuen, disparatuko ote zuen?—. —Nora zoaz? —galdetu zion Ahotsak—. —Zuri ez zaizu axola. Hau esan baino lehen, beso batek lepotik heldu zion eta atzeraka bota zuen. Orduan pistola atera zuen eta disparatu egin zuen. Baina, ahotsak, masailean joaz pistola kendu zion. —Nazkagarria! —esan zuen Adyek. Ahotsa barrez hasi zen—. —Hementxe hilko zintuzket, bala bat hondatu behar ez banu —esan zuen Ahotsak—. —Bueno eta orain zer? —esan zuen Adyek—. —Zutik! —esan zion Ahotsak—, eta kontuz iruzur egiterik pentsatu. Etxera berehala. ' —Ez dit utziko... —Pena da ... Nik ez baitut ezer zure aurka. Adye irten zenean, Kemp gora igo zen eta han ikusten zuen koronela bakar hizketan. —Griñinek kendu dio pistola —pentsatu zuen—. Bitartean Adye Gizon Ikusezinarekin hizketan ari zen. —Ate ondoan geldituko zarela esan iezadazu —esan zion Adyek—. —Nik ez dut ezer esaten. Adye aurretik eta pistola bat airean atzetik, hori ikusten zuen Kempek. Bat batean Adye itzuli eta borrokan hasi zen, baina lurrera erori zen. Altxa nahi zuen, baina berriro lurrera erori zen. Hala ere tirorik ez zuen entzun. Kempek ez zuen ulertzen. Inguruko etxe guztiak itxirik zeuden. Halako batean ate joka hasi zen norbait. Kemp pertsianak nola zeuden ikusten hasi zen. Bidean neskamea eta bi polizia zetozela ikusi zuen. Isiltasun handia zegoen. Zartada izugarri bat entzun zen behean. Kemp jaitsi zen eta egurra zartatzen zela entzuten zuen. Atea ireki eta sukaldera begiratu zuen. Pertsianak puskatuta zeuden eta pistola han zegoen lurrean. Berehala aurrean ikusi zuen. Kempek alde batera egiteko denbora larri-larri izan zuen, tiroa bota baino lehen. Kempek atea giltzaz itxi eta Griffinen barre eta oihuak entzun ahal izan zituen. Berriro ere aizkora kolpeak jarraitu zuten. Ateko txirrina entzun zen. Ireki eta neskamea eta poliziak sartu ziren. —Gizon Ikusezina... —esan zuen—, oraindik bi tiro geratzen zaizkio. Adye koronela hil du. Ez al duzue belarretan etzanda ikusi? —Nor? —Adye. —Atzetik etorri gara —esan zuen neskameak—. —Zer dira kolpe horiek? —Sukaldean dago, aizkora bat du eta... Etxea aizkora kolpez dardaraz zegoen. Kempek dena adierazi nahi zien, baina ia ezin zuen hitzik ere egin. Une hartan sukaldeko atea irekitzen hasi zela konturatu ziren. —Hemendik! —oihu eginez—, jangelara! —Suburdina! —esan zuen eta tximiniatik hartu zuen—. Bat polizia bati eman zion eta berak jangelakoa hartu zuen. Pistolak azken aurreko tiroa egin zuen. Polizia suburdinaz joka hasi zen eta pistola lurrera erori zen. Gizon Ikusezinarenhatsaldiak entzuten zituzten. —Zuek biok, ken zaitezte! —esan zuen—; nik Kemp bilatzen dut. —Eta guk zu —erantzun zuen polizia batek eta suburdinaz jo zuen ahotsa irten zen lekua. Bigarren poliziak zerbait biguna jo zuen eta oihu bat entzun zen. Gero leihoa irekitzen entzun zuten eta korrika zihoan norbaiten urratsak. —Non dago? —Ez dakit. Jo dut. Alde egin ez badu, sarreran egongo da. Kemp! —Kemp! Oin hotsa entzun zen eta: —Hor dago —esan zuen poliziak eta suburdina bota zuen—. Gizon Ikusezina jarraitu nahi zuen baina Kempen bila abiatu zen. Jangela hutsik zegoen eta Ieihoa irekirik. XXVIII. EHIZTARI EHIZTATUA Mr. Heelas, Kemp sendagilearen bizilaguna, hau dena gertatzen zen bitartean, bere lorategian lo zegoen. Honek ez zituen Gizon Ikusezinaren ipuinak sinesten. Kempen etxean leihoak puskatzen ziren bitartean, Mr. Heelas lo zegoen lasai. Bat batean esnatu eta begira geratu zen. Ametsetan ari zela iruditu zitzaion. Kempen etxea lurrikara batek eraginda bezala zegoen. —Duela hogei minutu —esan zuen— etxe hori oso ongi zegoela esango nuke. Berehala dardara bat eta beste leiho bat hautsi zela ikusi zuen. Jarraian bere bizitzako ikuskizunik bereziena ikusi zuen. Jangelako leihoa ireki eta Kempen neskamea salto egitera zihoan. Atzetik Kemp korrika eta bere etxerantz zetorren. —Jainko maitea —pentsatu zuen Heelasek—. Egia ote da Gizon Ikusezinaren kontua? Etxera sartu zen eta esan zuen: —Ate eta leiho guztiak itxi behar dira! Gizon Ikusezina da! Kemp bere etxera zetorren. —Ez, ez zintezke hemen sar —esan zuen atea giltzaz ixten zuelarik—. Kempek ahaleginak egin zituen baina alferrik zela ikusirik, korrika bidera irten eta joan egin zen. Mr. Heelasek, Kemp nola aldentzen zen ikusi zuen, lorategiko belarra beste norbaitek zapalduko balu bezala zanpatuta gelditzen zela ikusten zuen bitartean. Horrela Kempek, duela lau egun Marvelek egin zuen bide berdina, baina alderantziz egin zuen. Luzea egiten zitzaion benetan. Etxe guztiak itxirik. Laster zegoen komisarian. Jendea begira geratzen zitzaion ostatu inguruan. Atzetik zetorkion. —Gizon Ikusezina da! —esan zuen—. Obra batzuetako langileak zeuden eta j haien tartetik igaroaz, berriro kale Nagusira irten zen. Orduan konturatu zen, jendea korrika eta oihuka hasi zela. Atzera j begiratu zuen eta langile indartsu bat pala bat eskuan zuela korrika zetorren denen aurretik. Kotxezain bat ere bai eta noski orain egoera guztiz aldatu zen. Orain Gizon Ikusezina jarraitzen zuten. —Hemen dago! Nire ondoan! —esan zuen—. Beharrezkoa da... Kolpe handi bat hartu zuen eta lurrera erori zen. Altxa eta joka hasi zen. Berriro jo zuten eta lurrera erori zen. Bi eskuk lepotik heldu zioten. Esku batek besteak baino gutxiago estutzen zion eta etsaiaren eskumuturra heldu zuenean, oinaze oihu bat entzun zuen. Gero pala zuen langileak, kolpe lehor bat jo zuen eta lurrera bota zuen. —Hemen! Harrapatu dugu! —oihu egin zuen—. Lurrean daukat! Gizon Ikusezina, azken ahalegin batez altxatzen hasi zen, baina jendeak kolpeka etzan erazi zuen. Une berean Ahots bat entzun zen. —Erruki zaitezte —eta Ahotsa itzaltzen hasi zen—. —Ken zaitezte! —esan zuen Kempek—. Zauritua dago, ez al duzue ikusten? Jendea kentzen hasi zen eta Kemp ikusi zuten lurretik hamabost bat zentimetrotara beso ikusezin batzuei helduta. —Ez utzi alde egiten! —esan zuen paladunak—. Txantxetan ari da. —Ez —esan zuen sendagileak—. Kempek aurpegia kolpez beterik zuen. Gizon Ikusezinari aurpegia ukitu zion: —Ahoa ezkotua dauka—esan zuen—. Jainko maitea! Altxa eta berriro belaunikatu zen. Jendeak zer gertatzen zen ikusi nahi zuen. —Ez du arnasarik hartzen! —esan zuen—. Bihotzak ez du taupadarik. Jende artetik begira zegoen atso batek esan zuen: —Begira! Esku baten ingurumaria agertzen ari zen. Lehenik kristalezkoa balitz bezala, gero nerbioak eta zainak agertu ziren. Pixkanaka opakoa bihurtzen joan zen. —Begira hor! —esan zuen polizia batek—; oinak agertzen ari dira. Esku, oinak eta ondoren gorputz guztia ikuskor egiten zihoan. Lehenik zainak, hezurrak eta azkenik haragia eta larrua, dena agertu zen. Geroxeago aurpegi eta bularreko zauriak ikusi ziren. Kemp altxatu zenean, han zetzan hogeita hamarren bat urtetako gizon baten gorputza. Ilea eta betileak zuriak ziren. Begiak zabalik zituen. —Estali ezazue aurpegi hori! —esan zuen batek—. Norbaitek maindire bat ekarri zuen. Horrela bukatu zuen Griffiinek bere bizia. Munduko fisikorik onenetakoak era horretan bukatzen zuen bere lan beldurgarri eta negargarria. AMAIA Hau izan da Gizon Ikusezinaren istorioa. Zerbait gehiago jakin nahi baduzue, Port Stowe inguruko ostatura joan zaitezte. Izena liburu honen berdina du. Ostalariak dena adieraziko dizu, Legegizonek, Gizon Ikusezinari lapurtu ziona kendu nahi izan ziotela ere bai. —Lapurtzat hartu nahi izan ninduten. Zer iruditzen zaizue? Bere etengabeko berriketa moztu nahi baduzue, liburuei buruz egin galderak. Nonbait izango direla dio, baina berak nola, ba? —Gizon Ikusezinak nonbait ezkutatu zituen ni Port Stowerantz korrika irten nintzenean. Kemp da hori esaten ari dena! Gero tabernatik irtengo da. Gizon jakintsua den fama du eta inork baino hobeto ezagutzen ditu Ingalaterrako Hegoaldeko bide bazter guztiak. Igande goizero eta gauetan ostatua itxi eta gero, egongelara sartzen da ginebra kopa bat edanez. Atea giltzaz itxi eta zirriztu guztietara begiratzen du. Kaxoi batetik hiru liburu ateratzen ditu. Mahai gainean jarri eta orri guztiak atzetik aurrera eta aurretik atzera begiratzen ditu. —Zenbat arrasto eta borrobil! Zer buru ote zuen hau dena idazteko? Gero besaulkian eseri eta pipa erreaz: —Zenbat sekretu, zoragarriak izango dira. Ulertzen ditudan egunean... —Dena dela, nik ez nuke berdin jokatuko. Bakarrik... bueno... —eta pipa erreaz jarraitzen du—. Eta horrela lo hartzen du eta ametsetan jarraitzen du. Nahiz eta Kemp galdezka ibili, inork, gure ostalariak ez beste, ez daki non dauden liburu haiek. Eta ez dute jakingo hura hil arte behintzat...
AURKIBIDEA Rockero zaharrak Joe Cocker Summer in the city Ene adiskideen laguntza pixka batez Nire aitaren kanta niretzat Gau deiak N'Oubliez Jamais Goian gaude igotzen Nire maitea izan zintezke Ez nazazu maite Gau hotza etorri da Sorry Barkatu hitzik zailena baita Orain magia joan da Gauean Grazia Galdutako Gizakia Kateak askatu nire bihotzari Gauza sinpleak Rockero zaharrak Zein zen Fitorekin zegoen tipo txiki ilezuria? Galdera egin du Egiako Kata tabernan, ustekabean, topatu zituenak. Inork ez daki oso ongi azaltzen, batzuek aipatu dute, adibidez, keinu bitxiak egiten zituela hitz egiterakoan, gorputza okertzen zuela, bizkarrak altxatu, gora begiratu... kantatzen arituko balitz bezala. Beste batzuek zehaztu dute, ez zuela oso itxura ona, bizarra egin gabea, begi handien tamaina bereko zuloak, aurpegia zimurrek ondo goldatua... Baten batek, gaineratu du, ez dakiela zer edaten ari ziren, baina barre arraroak egiten zituztela, bai batak zein besteak, susmoari ateak zabaltzeko adina. Hari horretatik tiraka, gehienei ez zien harritu Fito horrelako konpainia “xelebreekin” (horretan ados zeuden denok) nahastuta ikusteak, eta beraz, ez zitzaiela deigarria gertatu biak ingelesez kantari hasi zirenean; You are so beautiful... edo antzeko zerbait. Horrela aritu ziren tarte batean, ikerketarako datuak bildu eta gertatutakoaren bertsio sinesgarria eraikitzen. Hipotesiak egitearen ezinbesteko atarikoa; nola bukatuko ote zuten? Non, norekin? Zertan? Azken datuak zioen Ametzagana kaletik behera ikusi zituztela bizkarretik helduta ozen kantari. Gehiegi desafinatu gabe oraindik, gaineratu du kalez-kale kantarin aritzen denak. Ez dago gaizki uda gau baterako, ohikotasunetik kanpoko edozeren egarri gaudelako. Egia auzoa da, eta badakizu auzoetan zer gertatzen den. Orduan iritsi da musikazaleena, aztoratua bezala, informazio garrantzitsuren bat konpartitzeko premiaz: “Aizue, ba al dakizue atzo Joe Cocker ibili zela auzoan?” Akabaramos! Horixe zen dena, bi rockero zahar, aspaldiko adiskidetasuna ospatzen, birgogoratzen, gozatzen. Zeren eta, inork ezin badu jarri zalantzan Joe Cocker rockero zaharra zenik, are gutxiago Fito (Rodriguez Bornaetxea). Horregatik ez zidan gehiegi harritu tfnoz deitu eta, bere ohiko abiaduran, azkar, esan zidanean Joe Cockerren kantuekin zerbait egin zuela. Ez nion oso ongi ulertu kantuen itzulpena zen ala ez, baina egindakoa irakurritakoan laster batean ohartu nintzen, askoz ere gehiago zegoela testu-bilduma horretan. Kantu horien berrirakurketa eguneratua, dela Hain zara eder hau. Idazlearentzat esanguratsuak gertatzen diren “ereserki” horiek bereganatu eta besteontzat, bere ikuspuntuaren arabera berrerabilgarri jartzeko modua. Ingurua zalantzan jarri eta galde egiteko premia. Desobeditzeko beharra. Generoa zein den? Kantua, argi eta garbi, ez litzateke erabat justua poesiak direla esatea, iruditzen baitzait idazleak interes berezia eduki duela kantu-izaera hori mantentzen, tentazio “literarioagoei” muzin eginez. Adibidez, gaua, hiria, maitasuna (molde rockeroan, jakina, gehiegi ala gutxiegi), adiskidetasuna, askatasuna... dira gai nagusiak. Oso molde zuzenean idatzitako testuak dira, oso eguneroko hizkuntzan eta, gehienetan, lelo kantagarria dutenak, rock kantu baterako osagai ohikoak. Alde horretatik, estimatzekoa da Fitoren ekarpena, liburu formatuan, gurean, gutxitan landu den lurraldean dabilelako, rocka eta hitzen arteko harremana ezagutzak ematen duen konfiantzarekin irakurriz, gainera. Eduki beza gogoan irakurleak, beraz, bazegoela kantu hauek gehiago elaboratzerik, hizkuntza zainduagora ekartzerik, amarru literario gehiago erabiltzerik, baina idazleak horretarako gaitasuna izanda ere, generoaren urgentzia, ustezko soiltasun eta parametro kaletarren alde egin duela. Estimatzeko moduko erabakia, inondik inora. Rockero zaharrak odolean daramalako rocka, eta rockeroak ez direlako sekula jubilatzen. Andoni Tolosa Joe Cocker You are so beautiful Niretzako Hain ederra izan zara You are so beautiful Hain zara eder Zu Joe Cocker Ezin zinela horretaz ohartu Baina espero nuen guztia izan zara Behar nuen guztia izan zara Agur oroher Joe Cocker Niretzat hain ederra You are so beautiful Niretzat hain ederra Ezin zinela horretaz ohartu Espero nuen guztia izan zara Pertsona bakoitza izan zara Behar nuen guztia Niretzat ederra izan zara Zantarra izanda ere Maketsa izan arren Eman didazunagatik Hain zara ederra Summer in the city Hiriko uda hiri beroan Berriro lepoa zikin eta izerditsu Goitik behera blai Eta hori ez da penagarriena Ez dirudi itzal bat denik hirian Ezta inguruan ere, Jendeak erdi hila dirudi Espaloian jokoa gero eta beroago dabil Baina gauez mundua desberdina da Atera zaitez eta aurki ezazu lagun bat Etorri hona eta gau guztia dantzatu Bero egonda ere ondo egongo da Eta pena zer den ez duzu jakingo Egunak gauak balira bezala ezin direlako bizi Hirian udan Uda hirian Hiria iluntzean hoztu Primeran jantzi eta itxura polita hartu Hozterakoan lagun bat bilatu Hiriaren ertz bakoitzean begiratu Ni geraleku bat bezala har Arnasa nekez hartu arte Zu topatu Eta Joe kantuz Eta korrika egin gora Gauez mundua desberdina baita Atera zaitez eta aurki ezazu lagun bat Etorri hona eta gau guztia dantzatu Bero egonda ere ondo egongo da Eta pena zer den ez duzu jakingo Egunak gauak balira bezala ezin direlako bizi Hirian udan Udan hirian Hiriko uda hiri beroa Berriro lepoa zikin eta izerditsu Goitik behera blai Eta hori ez da penagarria Ez dirudi itzal bat denik hirian Inguruko jendeak erdi hila dirudi Espaloian jokoa gero eta beroago dabil Eta Joe kantuz Gauez mundua desberdina baita Atera zaitez eta aurki ezazu lagun bat Etorri hona eta gau guztia kantatu Beroa egonda ere ondo egongo da Eta pena zer den ez duzu jakingo Egunak gauak balira bezala ezin direlako bizi Hirian udan Udan hirian Hain zara eder Ene adiskideen laguntza pixka batez Zer uste duzu emango zukeenik afinatu gabeko kanta kantatzeak? zutituko zinateke eta utziko nindukezu? With a Little Help from My Friends Utzi niri zure belarriak eta kanta bat kantatuko dizut zuri Beltzen kanta bat Blues edo soul Ni zuria izan arren Eta notez kanpo ez kantatzen saiatuko naiz Beatlesak nire adiskideak badira ere ez baitut haiek bezala desafinatzen Bai ene adiskideen laguntza pixka batez konponduko naiz Altu abesten dut ene adiskideen laguntza pixka batez Bai ene adiskideen laguntza pixka batez konponduko naiz probatuz eta probatuz Joe Cockerek egiten zuena egin nahian Hain zara eder Zer egingo dut nire maitea kanpoan dagoenean Ni bakarrik egoteaz kezkatuko al da? Nola egongo naiz egunaren amaieran Gau beroan Tristatuko naiz Goibelduko zara iluntzean? Ez ene adiskideen laguntza izanda Bai ene adiskideen laguntza pixka batez konponduko naiz Altu abesten dut ene adiskideen laguntza pixka batez Bai ene adiskideen laguntza pixka batez konponduko naiz Probatuz eta probatuz Norbaitek maitatzea behar dut Halere edonor izan liteke Norbaitek maitatzea nahi dudalako Maitasun batean sinetsiko zenuke ezagutuz gero Bai toki guztietan gertatzen dela seguru naiz Ezer ez baita ikusten argia joaterakoan Ilunabarrean Eta ezin dut esan zuk baina nik hirietako gau beroak maite ditut Ez ene adiskideen laguntzarik gabe Bai ene adiskideen laguntza pixka batez konponduko naiz Altu abesten dut ene lagunengandiko laguntza pixka batez Bai ene adiskideen laguntza pixka batez konponduko naiz Edonor behar baduzu Norbaitek maitatzea behar dut soilik Edonor izan liteke Norbaitek maitatzea nahi dut Eta ez da zurikeria Joe Cocker zuria zen Baina beltz batek bezala kantatzen zuen Eta ezin dut esan zuk baina nik hirietako gau beroak maite ditut Ez ene adiskideen laguntzarik gabe Bai ene adiskideen laguntza pixka batez konponduko naiz Nire aitaren kanta niretzat Nire aitarentzako dut kanta txiki hau Berak egiten zuen dena Egin zezakeelako egiten zuen Nik kantatzen nuen bitartean Ez doinuz ezta errimaz ere aritzen zen Horrelakoak dira bere oroitzapenak Orain garaiaz pasata egonda ere Beraren funtsa argi ikusteko gauza ez izan arren Badakit Nire iritzia asmatzeko sena bazuela Nire bihotzak zioena igarri egiten zuela Eta leku berezia daukat harentzat Egiarik gabeko mundu honetan Non buruak makurtzen ditugun amen eginez Zeinean egun bakoitza Aitaren Eguna den Aitaren batean Aita gurea gogoan Berrikus ditzagun aitaren esanahi guztiak Guretzat balio ez dutenak bereziki Aita gurea eta Aitaren eguna ere Baina sakrifikatutako aita zerbait bada niretzat Dena ematen erakutsi zidalako bere zurruntasunak Eta bera gogoan bere biografiaz Harro egon ez arren Kanta hau kantatu nahi diot My father song for my Gau deiak Gau taldea lan egiten hasi zen Hegoaldeko bidetik Eta ikusten nuenen Pentsatzen jarri nintzen Eta ezerezetik begiratu nuen Inor ez zegoen Laguntza emateko prest Egoera gainditzeko Gau deiak horretarako dira Gau deiak Egin gau deiak Gau deiak Egin gau deiak Ez ohi dira iritzi gogorregiak elkartrukatzeko Azkar mugitzeko baizik Ez dira izaten lehenaldian bizitzeko Errazak ez direla badakigu Eta ilutasuna ahultzen hasten denean Eserita non-nahi Goizaren freskotasunaren zain Egin ez nituen planei buruz pentsatuz Gau deiak daude Egin beharreko gau deiak Edota Joe Cocker entzun N'Oubliez Jamais Maitea zergatik entzun behar dituzu Kanta zahar guztiak? Zergatik kantatzen dituzu betiko doinuez? Eta halaber kalearen amaieran Zerbait pasatzen ote den Ohartu ez Doinu berriak daude Eta kanta berriak Hark esaten zuen: Nire bizitzan, hainbeste amorru egon da Ezen ez naizela ezertaz damutzen Non rien de rien non je ne regrette rien Ni hain bihurria nintzena Ene berezko barruko kanta Ez dezadan inoiz ahantz Ez dezadan inoiz ahantz Nire aitari entzun nion esaten Belaunaldi bakoitzak bere bidea duela Desobeditzeko beharra Ez dezadan inoiz ahantz Norberaren norabidea ez dela patuan dagoena Desadostasunean egoteko beharrak Bizi gaitu Hain da eder Arauak bide erdian sartzen direnean Desobeditzeko beharra Ez dezazuen inoiz ahantz Maitea, zergatik kantatzen duzu kanta zahar bera? Zergatik kantatzen duzu doinua soilik Kalean zerbait pasatzen ote den Ohartu ez Doinu berriak daude Eta kanta berriak Hark esan zuen: Nire bihotzean gaztetxo baten pasioa dago Betiko duoa egiteko pronto Egunen batean, laster Norbaiten irribarreak jarraituko zaitu Gaueko ordu txikitan Zure berezko barruko kanta Ez dezazun inoiz ahantz Ez dezazun inoiz ahantz Nire aitari entzun nion esaten Belaunaldi bakoitzak bere bidea duela Desobeditzeko beharra Ez dezazun inoiz ahatz Zure norabidea ez dagoela patuan Desadostasunean egoteko beharra Arauak bide erdian sartzen direnean Ez dezazun inoiz ahantz Zer den joko hau Maitasuna edo ulermena bilatuz? Dena bat eta bera al da? Egun hauetako batean maitasuna sendaketa dela diozu Ez nago seguru Baina hain litzateke eder Ez dezazun inoiz ahantz Nire aitari entzun nion esaten Belaunaldi bakoitzak bere bidea duela Desobeditzeko beharra N'Oubliez Jamais Goian gaude igotzen Nork daki zer etorriko den bihar Mundu honetan bihotz gutxik bizirik dirau Ezagutzen dudan guztia sentitzen dudana da Benetakoa denean mantentzen naiz bizirik Bidea luzea izaten da Mendi malkartsuak gure bidean daude Baina maila bat igotzen dugu egunero Maitasunera igoz Non arranoek negar egiten duten Maitasunaren mendia oso altu baitago Up where we belong Mundutik urrun Mendiko tontorretik gertu Goian, non haizeek putz egiten duten Eta argiak gogor jotzen duen Batzuek usten dute bideari jarraitu behar zaiola Mendian ere arauak daudela Maitasunean adostasunak agintzen duela Ez dezazun inoiz ahantz Bidezidor bakoitzak hautu bat duela Eta desobeditzeko beharra Hain da ederra Bizi gaitezen norbera bere bizitza Atzera begiratu gabe Dugun guztia hemen eta oraina da Gure bizitza guztiak berdinak iruditu arren Bidea luzea da Mendi malkartsuak gure bidean daude Baina maila bat igotzen dugu egunero Maitasunera igoz Non arranoek negar egiten duten Maitasunaren mendia oso altu baitago Up where we belong Mundutik urrun Denbora pasatzen da Eta negar egiteko une bat ere ez dago Biok Bizirik gaur Goian Eta maila bat igotzen dugu egunero Maitasunera igoz Non arranoek negar egiten duten Maitasunaren mendia oso altu baitago Up where we belong Mundutik urrun Nire maitea izan zintezke Maite ahal izango zenuke? Edo behintzat probatu? Ez dakit Nitaz iritzi bat duzu jada Beraz infernura joan zaitez eta pentsatzen ari zarena ahantz Ez duzu arrazoirik Maitasunak ez baititu aurreiritzirik Maitasunak ez gintuzke inoiz utziko bakarrik Iluntasuna etorrita argia pizten da Maite ahal izango zenuke? Edo maitatua izan bederen? Utziko nauzu zure loa zaintzen? Bizitzaren bidea malkartsua eta harritsua da Eta estropezu egin dezakezu Baina zure hatzak seinalatzen duenean beste norbait epaitzen ari zara Maite ezazu zurea bezalakoa Ez iezaiezu utz zu aldatzen Jarrerak berez higatzen baitira Bizitzeko bizi bat dugu Diotenez bat bakarrik Bakarrik den horretan egokienak soilik ezin du bizirik iraun Egon zaitez bizirik Maite ahal izango zenuke? Ez galdu ura zure putzua lehortu arteraino Berriro ez baita inoiz beteko Esan ezazu zerbait! Maite ahal izango zenuke? Edo maitatua izan bederen? Utziko nauzu zure loa zaintzen? Esan ezazu zerbait Hain zara eder Ez nazazu maite Irribarre egiten ikusiko zintudala uste nuen Atean sartu nintzenean Zure besoak zabalik izango nituzkeela zain Lehen ziren moduan Zergatik begiratzen nauzu orain Ezezaguna banintz bezala Zergatik urruntzen zara Hain estutzat hartzen ohi ninduzuena Ez nazazu maite gehiago Ikasia duzu zure bizitza ni gabe bizitzen Ez nazazu maite gehiago Noiz iraungi zen sua? Nora joan zen sentimendua? Kanpoan nengoenean amildu zen dena Laztana etxera etorri naiz Betiko maiteko ninduzula uste nuen Zain egongo zinela seguru nengoen Nire beharra izango zenukeela uste nuen Horrela ez zenuela ebatziko Ez nazazu maite gehiago Zure bizitza ni gabe bizitzen ikasi ezazu Ez nazazu maite gehiago Maitea Noiz iraungi zen sua? Nora joan zen sentimendua? Zergatik urrundu zara? Hain hurbileko zinena laztantzat hartzen ninduzunean Azkarregi joan zara Gaueko deiei erantzun gabe Iluntasunean zuria zara Ez nazazu maite gehiago Baduzu zure bizitza ni gabe bizitzerik Ikasi ezazu Eta ez nazazu maite gehiago Gau hotza etorri da Euts ezazu Zuregana itzuliko naiz Ez da luzea izango Beste zerbait badago ere Eta nik ezetz esan arren Har nazazu zure bide berean Seinala nazazu ekialderantz eta utz iezadazu joaten Maleta hau kargatuta dago Oroitzapenez Egiten duzuna egin nahi dut bakarrik Zarena izan nahi dut soilik Zuretzat egon nahi dut doi-doi Gau hotza datorrenean Kezka guztiak jar ditzagun atzean Eta joango gara inoiz aurkituko ez gaituzten tokira Hor zure ondoan egon nahi dut bakarrik Gau hotza datorrenean Gau hotsa datorrenean Gaueko bi espirituok elkarturik Goiz argiari begira esnatzeko prest Uzten ez dena ez dago inoiz galtzerik Beldurrik ez izateko baztertzen dena Beldurragatik galtzen da Eta ezer ez da utzi beldurrik ez izateko Hori ikasi dut hiriaren ertzean Ez dut eduki inor itxaroten inguruan Eta biok entzungo dugu Bryan Adamsen When the Night Come Joek abestuta Hemendik kanpo gau hotsa baita Gau hotzean Egiten duzuna egin nahi dut bakarrik Zarena izan nahi dut soilik Zuretzat egon nahi dut doi-doitik Gau hotza datorrenean Kezka guztiak jar ditzagun atzean Eta joango gara inoiz aurkituko ez gaituzten tokira Hor zure ondoan egon nahi dut bakarrik Gau hotza datorrenean Gau hotsa datorrenean Guretzako denbora egongo dela badakit Har ezazu nire eskua ihes egin dezagun Pentsa ezazu hondatutako amets guztiei buruz Egunen batean uler ditzagun elkarrekin Itzultzen ari gara Elkarrekin egoteko itzuli Gau hotza datorrenean Eta biok entzungo dugu Bryan Adamsen When the Night Come Joek abestuta Hemendik kanpo gau hotsa aditzen da Gau hotzean Gau hotza datorrenean Gaua irristatzen denean Gau hotsa datorrenean Zurekin egon nahi dut Zure ondoan Gau hotza datorrenean Gau hotsa datorrenean Ez egin hori adiskide Inoiz gaualdia hona heldu denean Gaua datorrenean Gaua datorrenean Bryan Adamsen When the Night Come Joek abestuta entzun Eta maite nazazu Nik kontrakoa esan arren Sorry Zu joanda nire zintzotasuna kolokan jartzea lortu duzu Probatu arren ez naiz ondo moldatzen apologia egiten Garaiz kanpo ez naizela geratuko espero dut Norbaitek epaile bati hots egingo al dio? Barkamenari tiro eginda hobeto nengoke Kutxen hotsak zabaldu nituela badakit eta agian behin baino gehiago Behin baino gehiago esatean hamaika aldiz esan nahi dut Hau ez da Justin Bieber abestia White Hinterlanden ‘Ring The Bell’ baizik Nire burua gaur gauean berrerosi beharrean Askatasuna erosten den modu berean Bigarren aukera emanda tiro egingo dut Beranduegi al da orain barkatu esateko? Nigatik zure gorputza baino gehiago galdu dut Ez naizelako sinesgarria Nire maitasuna plagioa da Beraz beranduegi al da orain barkatu esateko? Bai iruzur zaitudala badakit Baina beranduegi al da orain barkatu esateko? Barkatu Bai iruzur egin zaitudala badakit Beranduegi al da orain barkatu esateko? Erruaren puska guztiak hartuko ditut maite banauzu Errugabekorik bitarako joko honetan ez dagoela badakizu Joango naiz ondoren zoaz zu eta egia esango dizut Agian Gure hitzak iruzur zirela ahazteko Beranduegi al da orain barkatu esateko? Nigatik zure gorputza baino gehiago galdu dut Beranduegi al da orain barkatu esateko? Bai iruzur zaitudala badakit Beranduegi al da orain barkatu esateko? Kanpaiak jo du eta erantzun du jada Barkatu hitzik zailena baita Elton Johnek Sorry Seems to Be the Hardest Word abestia idatzi arren Joe Cockeren bertsioa da nirea Zeinena da kantua inork kantatzen ez badu? Zer egitera helduko naiz zuk ni maitatzeko? Zer egitera helduko naiz zuk ni maitatzeko? Zeinena da kantua inork kantatzen ez badu? Zer egingo dut tximistak jo ezkero? Eta galdu zaitudala amesten dudanean? Zer egitera helduko naiz zuk ni maitatzeko? Zer egitera helduko naiz zure kanta entzuteko? Zer esango dut dena bukatzen denean? Barkatu hitzik zailena delakoan Triste hain da triste Eta hain zara eder Egoera hitsa eta hitzik ez Barkatu esaten ikasi ez dudalako Eta gero eta zentzugabeago da dena Zeinena da kantua inork kantatzen ez badu? Ezin dugu hitz egin zergatik? Nire irudiz Barkatu hitzik zailena delako Barkatu Kantatzen den kanta aditzen duenaren da Izatekotan Orain magia joan da Nire bizitzan nahigabea eta samina ikusita dauzkat Eta horretaz abestu dut Eguzkiak erre nau Itota geratu naiz euripean Agian maitale gehiegi eduki dut baina maitasun nahiko ez Epaitu naute eta kondenatu naute Errudun naizen gauzetan bederen Kartzela batean itxita nengoen zu etorri arte Askatu ninduten baina ez dohainik Nik horretaz abesteko Nola esan dezakezu laztana ez zarela ona niretzat? Orain magia joan da Hain ederra zena urtu egin da Alde egin nahi duzu Ezer esan gabe Orain magia joan da, Sentimenduari eutsita ere ez dago ezer Laztana orain magia joan da Baina abesten segi dezaket Maitasuna samurra izan daitekeela banekien Orain maitasuna krudela izan daitekeela badakit Aingeru bat bezala irribarre egin dezake Ergel bat bezala tratatzen zaituen bitartean Eta horretaz abesten dut Maitasunak harrapatzen zaitu eta burutik ezin kentzen ibiltzen zara Ondoren zure kontrako dadoak metatzen ditu Inoiz irabazi ezin duzun joko batean Bizitzaren jokoa Maitasun jokua Orain arte nirekin zeundela uste nuenean Esan didazu: 'Maitea gainezka nago' Esan didazu: 'Denbora libre nahi dut'. Orain magia joan da Hain ederra zena urtu egin da Ezer esan gabe Ezin dut kantatu Oroitzapena besterik ez dena Pena oroitza baino gehiago da Eta orain magia joan da, Hain ederra zena desagertu egin da Sentimenduari eutsita ere ez dago ezer Laztana orain magia joan da Ez naiz zurea gogoan mantentzen saiatuko Nire buruak joaten uzteko esaten dit Baina nire bihotzak behar zaitu oraindik Eta ez dago saririk galtzailearentzat Bakarrik irabazleak hartzen du diru-zorroa Batzuek diote maitasuna bedeinkazioa dela Baina niregana madarikazio bihurtu da. Orain magia joan dela Orain magia joan da Sentimenduari eutsita ere ez dago ezer Laztana orain magia joan da Ez naiz zurea mantentzen saiatuko Nire buruak joaten uzteko esaten dit Baina nire bihotzak behar zaitu oraindik Abesti bat kantatuko dut Now that the magic has gone Orain magia joan denean Gauean Grazia Galdutako Gizakia Gaua etorri zenean hazia zen hasieran Eta hazia gizaki bihurtu zen Eta izena hartu Lurra iluna zenean Ilargia zen ikusiko genuen argi bakarra Senak eman zion izena deitura edota grazia Eta hauek errealaren eta fikzioaren arteko etena When the night has come Egun, lausotua dagoen muga Zeren eta, dagoeneko, natura bera itxura besterik ez da Baita giza natura ere Gizakia ez baita naturala Eta Ez da inoiz naturala izan Egun, gizadira itzultzearen aldarria alferrikakoa baita Gizakia ez delako inoiz naturarekiko harreman orekatuetan bizi Ez delako inoiz bere naturarekiko orekan bizi Ekonomiaren haziak sortu baitzuen gizakia, Eta bere grazia. Eta ekonomiak ez du oreka bilatzen baizik eta irabazia Merkatua ez baita zuzena eta ez du zuzentasunik bilatzen Gizakia merkantzia bilakatu baizik Eta, oreka beharrean, desberdintasunak areagotu Ustezko gizaki gizatiarragoa ez dagoelako Eta aldarri hori da elbarri Magiaz eta erlijioaz gain berreskuratu zuen gizakiak bere natura Eta galdu bere sena Baina Merkatua ikusezina da eta harengan sinestun asko dago gizartean Non galdu den gizakia zena Ilargia zen ikusiko genuen argi bakarra Senak eman zion izena deitura edota grazia Eta hauek errealaren eta fikzioaren arteko etena When the night has come Gizaki berri horrek zientziaren neutraltasunarengan dauka sineskeria eta politikaren neutraltasunarengan fedea Eta teknologiaren Eta legeen Eta medikuntzaren Eta hezkuntzaren Neutraltasunarengan sinesten du Gizaki honek ez ditu jadanik zirri eta zirrararik sumatzen Zenaren zirriborroa baita Senaren arroa delako Bera harroa izanik Horretan datza bere ondoeza Dagoeneko gizakiak galdu baitu bere grazia. Kateak askatu nire bihotzari Nire bihotzari kateak askatzen dizkiozunean Maiteko zaitut laztana Alferrik kezkatzen zara Utz nazazu libre Nire ez da maitasun erromantikoa Rokeroa baizik Katea ken iezaiozu nire bihotzari Nirea ez da maitasun platonikoa Biografikoa baizik Katea ken iezaiozu nire bihotzari laztana Unchain My Heart Maite ez duzuna ahaztu Aldiro hots egiten dizut telefonoz Gau beroetan Morroiren batek esaten di zu ez zaudela etxean Katea ken iezaiozu nire bihotzari laztana Katea ken iezaiozu nire bihotzari Ez zara nitaz kezkatu behar Adabatuta eduki nauzu zure arropa zaharra moduan Baina uzten diozu nire maitasunari zure gerrira iristen Nire bihotzari kateak askatzen dizkiozunean Sorginduta naukazu Trantze batean banengo bezala Badakizu ongi aukera pasatzen uzten Nire bihotzari kateak askatzen dizkiozunean Nire bihotzari kateak askatzen ez dizkiozunean Maila bat igotzen duzu egunero Izenik gabeko maitasunera igoz Kexu naiz gau eta egunez Miserian bizitzen Nitaz kezkatzen ez zarelako Nire bihotzari kateak askatzen dizkiozunean Libreagoa egiten nauen kondena pairatzen dut Trantze batean banengo bezala geratzen naiz Badakizu ongi asko aukera pasatzen uzten Nire bihotzari kateak askatzen dizkiozunean Gauza sinpleak Nonbaiteko lasterketan berreskuratu ninduten Korrika jarraitu nuen Neure burua galduta Nire esperantza Nire fedea Beti gehiago nahi dudalako Baino ez dut ezer ikasi Daukadana benetan behar dudan guztia da Gauza sinpleak Preziorik ez daukatenak Gauza sinpleak Poza Bozkarioa Eta maitasuna Hori guztia hainbeste aldetatik begiratu dut Eta bat etorriko zinatekeela espero nuen Bizitzako gauzarik onenak Gauza sinpleak dira Jende guztiak dastatzen ez duena Ni gaizki ulertzera heldu zinen Anbizioa eta jakintza nahi nituela ustean Lagun bakoitzaren Edota norberaren baitan dauden usteak dira Lan on bat akaso Aurrera egitea sikiera Denbora hartzen da irudikatutakoa eskuratzeko Gauza sinpleak Preziorik ez daukatenak Zure ondoan esnatzea Mendira igotzeko bideak asmatzea Gau beroetako deiak Aitaren oroitzapenak Adiskideen berotasuna Desobeditzea Zure ondoan zahartzea Joe Cocker gaztea eta agurea Hori guztia hainbeste aldetatik begiratu dut Eta bat etorriko zarela espero dut Bizitzako gauzarik onenak Gauza sinpleak dira Bizitzako gauzarik onenak Gauza sinpleak hain dira ederrak Mundu hau azkar mugitzen denean Batzuetan behera Astiroago ibiltzen heldu daiteke gora Eta maila bat igotzen dugu egunero Maitasunera igoz Non arranoek negar egiten duten Bizitzaren mendia oso altu baitago Maitasunean Hain ederra zara
booktegi.eus XABIER LÓPEZ ASKAZIBAR piztu gabeko zigarroak hitzaurrea piztu gabeko zigarroak hitzaurrea Dramaturgia estilo-ariketa moduan sortu zen Piztu gabeko zigarroak, hurrengo premisa hauek jarraituz: bi bakarrizketen bitartez istorio bakarra zeharkatzea, autore garaikide ezagun baten estiloa neureganatzea eta Ediporen tragedia famatua beste modu batean kontatzea. Beti izan baita aberatsa trabak jartzea idazketari, sorkuntzan bide berriak bilatzeko. Testu arrotza eta nortasun handikoa sortu zen nahasketa horretatik, hizkuntza poetikoz jantzia, baina beti eszenara bideratua; azken finean, hori da idazten dakidan gauza bakarra eta hori da beti nire testuen azkeneko helburua. Arroztasun eta poetikotasun horregatik, agian, lortu zuen obrak Kafe Bar Bilbao teatro laburreko saria 2010. urtean. Booktegi webgunerako prestatutako bigarren edizio honetan, aldaketa gutxi batzuk egin dira: originalaren testu gehiena errespetatzen den arren, bi bakarrizketak nahasi egiten dira eszenaratzea errazteko asmoz. Dena den, bi edizioetan testua mapa bat besterik ez da, zuzendari eta aktore bakoitzak bere sorkuntza bide propioa egin dezan. piztu gabeko zigarroak PERTSONAIAK: EDIPO YOCASTA Beltzez Ediporen testua Gorriz Yocastaren testua Urdinez bien testua EDIPO: Kaleko farola dardartien itzalpean ikusi zaitut eta neure buruari esan diot, azkenean aurkitu dut, bila nenbilen emakumea. Hainbestetan amets egin dudana. Behar nuena. Zugana hurbildu egin naiz, txakur zaragartsua bezala jabearen arrastoan. Baina ez didazu begiratu. Gona beltzaren urratuarekin jolasten ari zara zeure gogoetetan galduta. Arratoiak ezkutatzen diren bazter ilun horretan ikusi zaitut, eta neure buruari esan diot, bera da, irtenbide bakarra; baina ez didazu begiratu, ez duzu nire arnas urduria zure garondoan sumatu. Kaixo, esan dizut eta, ba al duzu dirurik, galdetu didazu egunerokotasunaren boz aspertuaz. Honaino etorri naiz gauaren azkenean, eskale zarpailtsuak nahiz heroinomano zimelduak ozta-ozta saihestuz. Basatia da kalea. Kotxeak ez dira semaforo gorrietan gelditzen, tiro hotsak entzuten dira urrutian... korrika egin behar izan dut, hiltzaileez ihesi, izerdi-patsetan eta arnasestuka bukatu arte... hori guztia egin dut, eta ez dakizu nor naizen. Ez dakizu nor naizen... denbora honetan guztian zure bila ibili den gizonezkoa naiz, oihukatu nahi nizuke, baina ez dakizu ezer horretaz. Ez zenuke sekula ulertuko. YOCASTA: Urrutian ikusi zaitut, kutsaduraren lanbro zikina gainditu nahian, eta neure buruari esan diot, hor dago. Azkenean. Aurkitu dut. Bilatzen ari nintzen gizona. Ezezagun batzuek seinalerik gabeko bidegurutzean senarra erail zutenetik, bakardadean itxaroten ari nintzen gizona. Behar nuena. Zaharra naizen arren. Hotz handia egiten duen arren. Otsaila den arren eta hotz egin arren. Zaharra eta irrigarria izan arren kale gris hauetatik bueltaka gizon baten bila. Txakur abandonatua bezala jabearen arrastoan. Hori guztia sentitu izanagatik ere. Aurkitu zaitut. EDIPO: Gonarekin jolasteari utzi gabe burua altxatu duzunean, ba al duzu dirurik, errepikatu duzu, lipar batez ezpain gordinetan arnasa hartzeko zirrikitu bat agerian utziz. Ba al duzu dirurik, galdetu didazu bat-batean eta ez dakit zer erantzun. Gaztea zara. Edo ematen duzu. Ni baino zaharragoa izan arren. Ba al duzu dirurik, galdetu didazu eta, ze gaztea, esaldiak ihes egin dizu hasperen batean. Bai, dirua daukat, bota dut indarrez, gizon zailduaren ahotsa imitatu nahian. Norbaiten oroitzapena dakarkizu burura nire adats ilehoriak, orduan askatu duzu artilezko gona; bihozkada baten hozkirriak gorputz osoa zeharkatutakoan utzi diozu arroparekin jolasteari, une horretan askatu duzu gona eta ez lehenago. YOCASTA: Arimaren adabakiz josia daukat doluzko jantzia. Urratuak galtzerdietan. Eta pixagura naiz. Mamutzarra ematen dut andrearen soinekoan. Baina otsaila izan arren eta hotzak akabatzen egon arren, kaixo, esan didazu. Ikusi zaitut, arrotzen aurpegien artean, eta neure buruari esan diot, bera da, amets egin dudan gizona. Gazteegia agian. Zaramaren erdian aingeru bat zara, esateko gogo dut, artilezko jantzi beltza apurtu zaidan honetan, galtzerdiak urratu zaizkidan egunean bertan, bizitzan aurrera egiteko zalantzek bihotzean kabi egonkorra egin duten egunean. Material noblea zara plastifikatutako munduan. Caravaggioren mutil ederra. Baina, ba al duzu dirurik, galdetu dizut. Aldatu zaizu masailen kolorea, lotsagorrituta. Une horretan, ekiditen saiatu naizen arren, gazteegia, pentsamenduak ihes egin dit, hortzen kontra supituki eztanda eginez. Egoera hutsaletan sortzen dira hitz hutsalak. Hau, ordea, ez da edozein egoera. Behin bakarrik gertatzen da hau bizitzan. EDIPO: Urrutian ikusi zaitut polizien sirenen oihartzunen artean eta badakit nor zaren, begiratu didazu eta norbait gogorarazten dizut. Norbait gogorarazten didazu. Besterik ez. Horregatik, nora goaz, galdetu dizut. Nora goaz, esan dizut; hemen egon nahi dut zuri begira, mugitu gabe, aitortu beharrean. Nora goaz, galdetu dizut emozioaren urduritasunaz, zeu zara itxaroten ari nintzen gizona, erantzungo didazulako esperoan. Baina, nora goaz, esan dizut eta, hor gela bat dut, laburra eman didazu aditzera. Ikusi zaitut eta neure buruari esan diot, bera da; une horretan bertan, kafe batera gonbida zaitzakedala bururatu zait. Beroa. Kalean zain egoteko hotza egiten baitu otsailean. Kafe bat ondoko taberna zaharrean. Neguan zigarroen ke artean adiskideekin edaten diren horietakoak. Inoiz ospetsu izan ziren idazle ahaztuak absentaz mozkortzen ziren zulo dekadente horietako batean. Arima abandonatuen azken gotorlekua. Zu eta biok. Bakarrik. Inor gehiago ez inguruan. YOCASTA: Begietara begiratu didazu eta ezaguna zaitut. Ez dut aingerurik inoiz ikusi, aingeruak ez dira hona jaisten zaborrarekin bat egitera. Ametsak inoiz betetzen ez diren legez. Hala ere, itxaroten ari nintzen gizonezkoa zara, gazteegia agian. Badakit aireratu nahi duzula, zurekin eraman leku argitsuago batera, norabait urrunera, zoriontasuna eta azukrea nahasten diren herrialde arrotzera; baina alkandora zaharrak eta gorbata berriak ez dizute uzten. Alkandora zaharra eta gorbata berria daramazulako. Auzo zikin honetan. Trafikanteek ez ezik, inork ez du horrelakorik janzten hemen. Gazteegia zara horren heldua izateko, horregatik ez zara ausartzen ni handik eramaten. Ba al duzu dirurik, galdetu dizut gorputzean hozkirri batez astindua, baina ez dakizu zer erantzun. Galdera ez delako hori. Nire aurpegia ezaguna egiten zaizu. Urrutian ikusi eta badakit nor zaren, itxaroten ari nintzen gizona; zuk, ordea, ikusi nauzu eta bakarrik ezaguna duzu aurpegia. Ez naiz espero zenuen emakumea. Zaharregia, agian. Zaharregia. EDIPO: Baina itxita dago taberna. Eta ez dugu elkarrekin zigarrorik erreko. Inoiz piztu ez diren zigarro ahaztuak. Inoiz piztuko ez diren zigarroak. BIAK.- Hor geldirik, bizitzak eskainiko ez dien aukera berri baten zain. Norbaiten poltsikoan galdutako zigarro koitadu horiek bezalakoak izango gara gu. Nora goaz, galdetu dizut, horrelako erantzun amultsu baten zain: zeu zara itxaroten ari nintzen gizona, goazen kafe bat hartzera ondoko tabernara, orain otsailean, hemen, kalean, hotza egiten baitu. Baina, gela bat daukat hor, adierazi didazu xaloki. Bihotza idortu zait ametsen ilusio faltsuaz. Ez dago esperantzarik. Ez dago inolako esperantzarik. Horregatik, gela bat daukat hor, esan dut. Gela bat daukat hor, azkar batean jakinarazi dizut, neu naiz, zure bila etorri naiz, aitortuko duzula sinisten. Baina ez da hori gertatuko. Ipuinetako printze urdinak ez direlako existitzen, gezurra delako txikitan esaten ziguten guztia. Gezurra bizitzan kontatu diguten guztia, hitz emandako guztia. Kolpea latzagoa izan zedin asmatu zuten dena. Baietz esan diozu logelaren eskaintzari, ados, goibel batez. Ados, esan dut eta igo gara. Logelara. Logelara. Abesti bat kantatu dut, eskailerak igo bitartean bat-batean gogoratu dudan sehaska kanta. Nota berri bakoitza astiro miazkatuz bete dut ahoa. Eskaileren erdian gelditu zara istant batez, urduri edo. Begirada galduaz begietara so eginez, ea benetan dirurik dudan berriz galdetu didazu. Eskaileretan kantatu duzu. Nire aingeruak abesti bat kantatu du, aleluiaren ahots gozoaz. Giharrak izoztu dizkit susmo txar batek. Eskaileren erdian isilik geratu naiz abestiaren eztitasunean mugitu ezinik. Ea benetan dirurik duzun galdetu dizut. Baina galdera ez da hori, non ikasi duzu abestia, da galdera. Ea benetan dirurik duzun galdetu dizut. Billete mordoa atera duzu jeans gastatuetatik. Gora jarraitu dut solairua zein den ezagutu gabe; horrek ez du axola, ezinbestean urkamendira garamatzatelako pisu guztiek. Erortzear dagoen eraikin honen muga garaieneraino igo nahi nuke, eskailerak, ordea, ez dira bukatzen, amaiezinak dira. Ez, ba, ez da egia! Une bateko burutazio txoroa izan da, ez naiz lekutik mugitu, ez dut urrats bat bera ere eman. Eta ez diot galderari erantzun. Galdera ez baita hori. Non ikasi duzu abestia, da galdera. Baina ea benetan dirurik dudan esan didazu. Ez dut erantzun, baina kaka zaharra pentsatu dut, eta gastatutako jeans-aren atzeko patrikatik, billete batzuk erakutsi dizkizut bola batean zimurtuta. Zimurtutako billeteak erakutsi dizkizut eta, ez dakit zergatik, burua makurtu eta aurrera jarraitu duzu. Etsita, ekidin ezin duzun egoera onartu izan bazenu bezala. Etorri nirekin tabernara, esatekotan egon naiz, badakidala nor zaren, ibiltzean aireratzeko duten moduarengatik ezagutzen direla aingeruak, denbora pausatzeko duten dohainarengatik, egunsenti berriak sortzeko duten gaitasunarengatik. Ikusi zaitut eta kafe batera gonbidatu ahal zaitudala pentsatu dut. Beroa. Otsailean kalean hotza egiten baitu. Kafe bat ondoko tabernan. Beste garai bateko zinema izarrak zerbitzariarekin adiskidetzen saiatzen diren zulo horietako batean. Bihotzetan sabaietan bezainbeste zabaltzen direnean amaraunak. Eta nire poltsako zigarro eskasak konpartituko ditugu. Zoriontsu izateko, azkenean. Baina ez dizut sikiera hori esan, kafe bat hartzera gonbidatzen zaitut jantzia hautsi zaidalako, galtzerdietan urratu bat dudalako, pixagura naizelako eta norbaiten sorbaldan negar egiteko gogoak ditudalako. Baina taberna itxita dago. Goazen gora, esan dizut etsita. Logelara. Logelara. Eta ez didazu erantzun pelikula erromantikoen amaieran gertatzen den bezala, zeu zara, itxaroten ari nintzen emakumea; THE END erraldoi bat gure aurpegietara hurbilduz doalarik, musukatzen ari garen bitartean. Logelara ailegatu gara. Logelara. Eta giltza madarikatuak ez du atea ireki. Ez du lehenengora ireki, baina bai bigarrenera. Loditzen da atea hezetasunarekin, esan duzu irribarre tristeaz. Bizirik jarraitzen du egurrak, nik ez bezala. Bai, horrela izan ohi da, onartu dut herabeti. Eta gelako atea ez da ireki. Zerbaitek esaten dit ate hori ez dudala irekitzerik nahi. Ate batzuk ez liratekeela ireki behar sekula. Baina bigarrenean ireki da. Loditzen da atea hezetasunarekin, neure burua zuritu dut nahigabe, irribarre tristeaz. Arrazoia eman eta begiratu dizut, ez dut sartu nahi, esaten dute zeure begiek. Baina gorputzak ez du sekula begiek erregutzen dutena egiten. Independenteak dira gorputza eta arima. Gela huts bat, ohe bat, paretetan kanfor usaineko paper loreduna. Bitxilore laranja eta marroi erraldoiak. Gurutzea zelatan ohe gainean. Urtetan ikasitako mugimendu lirainak erabiliz etzan zara eta, zer egitea nahi duzu, galdetu didazu, zeure begiradak galduta jarraitu badu ere. Beste garai bateko dama dirudizu: larruazal gardena, lepoan kameua arnasa estutzen, eta gizonek jaso ditzaten eskularruak erortzen utziz. Kalean ikusi zaitut eta neure buruari esan diot, azkenean bera da, baina orain, zer egitea nahi duzu, jakin nahi zenuke. Ezer ez, ahoskatu dut zalantzati. Begiratu didazu eta, gazteegia, hitza astiro murtxikatu duzu. Kostata edo. Zeure burua zigortuz. Gorbatari tinko heldu zatzaizkio. Gorbata baitaramat. Neure buruari esan diodalako, berak ez zaitu inoiz ikusi, dagokizun emakumea topatzen duzunean, gizon bat zarela antzeman behar du berehala: ez du zure musugorriak engainatu behar, ez dute lanari lotu gabeko zure esku leunek izutu behar, ezin da tolesdurarik gabeko zure begirada gardenean galdu. Gizon heldua zarela ulertu behar du. Horregatik jantzi dut gorbata. Armairuan estreinatu gabe zegoen setazko gorbata marraduna. Baina, gazteegia, hitza ebaki duzu ahapeka. Aspaldi sikatutako ezpain umelekin musukatu nauzu. Helduagoa emateko jantzi dut gorbata, baina, gazteegia, esan duzu eta musukatu nauzu. Urteen trebetasunez arropa erantzi eta titi perfektuak dituzu. Ez handiegiak ez txikiegiak. Berak, itxaroten ari nintzen emakumeak, titi perfektuak ditu. Perfektua da. Gizon bat naizela ikus zenezan jantzi dut gorbata. Antzeman duzu? Gizon bat naiz. Ulertzen al duzu? Aspaldian utzi nion lau hankatan ibiltzeari. Eskuekin gizasemeak akabatu ditut bidegurutzeetan. Izurriteei aurre egiteko ahalmena daukat. Enigma guztien esanahia ulertzeko sortu ninduten. Miretsia izateko. Ulertzen duzu? Ulertzen duzu? Gizona naiz... Alferrik, dena alferrik da. Beranduegi jaio nintzen. Badakit aingeruekin ezin dela larrutan egin, bekatu nazkagarria izango litzatekeela, aingeruek ez dutela sexurik. Behintzat, hala irakatsi ziguten eskolan. Baina gizonezkoa zara. Gizon bat bere alkandora zaharra eta bere gorbata berriarekin. Txikia sentitzen naiz biluzik, supituki lotsak irentsita. Horregatik utzi dut gorbata jantzita, biluztutako nerabearen larruazal bigunean kulunkatzen. Eta larrutan egin dugu. Kalean ikusi zaitudanean kafe batera gonbidatuko zintudala pentsatu dut, otsailean hotza egiten duelako, eta zu zarelako. Azkenean. Bilatzen ari nintzen emakumea. Tabernetako kristalak lausotzen dituen kafe beroa, azukrerik gabea, bizitza bezain mingotsa. Zigarro beltz bat partekatzen dugun heinean. Zaratarik gabeko barre algarak eginez. Zoriontsu azkenean... zoriontsu. Larrutan ari gara orain, gorbata jantzita. Eta neure buruari, zu zara, esan diot. Eta biluztu zara, eta larrutan egin dugu. Zure barruan hustu naiz, ia nahigabe. Nire txikia, esan didazu, baina ez dut gustuko hori, gizon bat naizelako, nagusia, kaleko alprojen artean erregea. Lokartzen ari naiz, eta ezin dut protestarik egin, logura saihestu ezinik nabilelako. Biluzik nago zure altzoan, lokartzen ari naizen bitartean. Ezin dut saihestu. Begiak irekitzen saiatzen ari naiz, indarrez, ezinean; bilaketa alferrikakoa izan dela pentsatuz. Eta inutila izango da zure bila berriz bueltatzea. Negar malkotan ikusi zaitut begirada galduaz, masailak zikindu zaizkizu rimelaren beltzaz. Neure buruari, kontsola ezazu, esan diot, baina sakonegia da logura. Eta inutila izango da, dagoeneko kale kantoi horretan egongo ez zarelako. Baina berean jarraituko dut. Kafera gonbidatzeko. Inoiz piztutako zigarroak elkarbanatzeko. Otsailean edo beste edozein hilabetetan. Horregatik gogor besarkatu nahi zaitut, alde egin ez dezazun. Baina ihesi doaz indarrak. Sehaska- kanta abestu didazu. Ikaragarria. Non ikasi duzu abesti hori? Eskaileretan kantatu dudana. Ikaragarria. Begirada galdua. Ikaragarria. Ni itsu. Emakume perfektua. Logurak ez dit alde egiten uzten. Okerrena, eta badakit zuk dakizula, edo ez dakizula baina sumatzen duzula, edo biok dakigula baina ez genukeela horrela izatea nahi. Ezin zen beste modu batean izan, ordea. Idatzita omen dago dena mundu honetan. Ikaragarria. Odol eta bilisaren tintaz aurretik izkiriatutako zorigaiztoko bizitzak. Horregatik lokartu naiz eta badakit bihar ez zarela, hemen, nire ondoan egongo. Hortik atera nahi zaitut kafe batera gonbidatzeko ondoko tabernan, zure sorbaldan negar egiteko. Betiko lagun onekin egiten den bezalaxe. Zure bizitza barruan sentitu dut, boteretsu, patu guztien indarraren jabe. Larrutan egin dugu, berehala lokar zaitezen. Ene altzoan. Lehenengo aldiz bailitzan begiratu dizut. Amets ilun batetik esnatuz. Ordura arte ikusi ez bazintudan bezala. Ene altzoan lokartzen ari zara, ikaragarria, diot. Masailak malkoz beterik, pailazo erretiratuaren aurpegiaz. Ez. Ikaragarria. Zer egin dut. Ezin da izan. Aingeru hau... arnasarik ezin dudala egin nabari dut, itotzen ari naizela lorategi marroi eta laranjan. Begi bertsuak, aurpegi bertsua. Kaskezurrean iltzatu zait paretako gurutzea. Zer egin dut, zer egin dut. Nire txikia, esan dizut. Nire txikia, esan dizut, baina benetan esan nahi dudana, ikaragarria, da, zer egin dut. Lo egiten duzun bitartean jantzi ditut: galtzerdi urratuak, soineko hautsia, lurrean sakabanatutako bihotz puskak. Gau mahaitik grinaz tolestutako billeteak hartuz... banoa. Ezin dudalako utzi dirua, hor, hartu gabe, ezer gertatu izan ez balitz bezala egin behar dudalako, beste edozein lana izango balitz bezala. Ez dut gehiago sufritzerik nahi, nahikoa sufrituko zenuen jada; gauean, kale arriskutsu hauetan zehar noraezean ibiltzeko, polizia ustelak eta hiesdun txaperoak zailtasunez baztertuz. Beste bat besterik ez dela pentsatu behar du. Kalean firin-faran zebilen bezero bat besterik ez. Itotzen ari naiz paperezko lore pozoitsuen artean. Ene aingerua. Ikaragarria. Ez dago esperantzarik. Galdutako semea da. Ikaragarria. Abandonatu nuen semea. Atea lehenengora itxi dut. Errauts bihurtu dira poltsan sakabanatuta zeuden inoiz piztutako zigarroak. Urkatzeko ez dakit nahikoak izango diren nire hesteak, horretan saiatuko naiz, hala ere. Ez nazazu bila, arren, kale kantoian ez nauzu berriz topatuko eta. Bi zupada soilik eman ondoren, amorruz zapaldutako zigarrokin bat bezala hartu nau bizitzak. BIAK.- Eta ez dugu elkarrekin zigarrorik erreko. Inoiz piztu ez diren zigarro ahaztuak. Inoiz piztu ez diren zigarroak. Hor geldirik, bizitzak eskainiko ez dien aukera berri baten zain. Norbaiten poltsikoan galdutako zigarro koitadu horiek bezala izango gara gu.
PERTSONAIAK: MALEN MANUEL MIELTXO MERRIMAN ANDREA(MIKAELA) MIRTA MICHAEL MILÚ AITA Beste pertsonaia baten testuak bailiran har daitezke KONTALARIAREN hitzak, baita akotazio gisa ere; dena den, nahieran erabil daitezke taularatzeko garaian. I KONTALARIA.- Bazen behin munduko bazter urruti batean, herrialde ederra baino ederragoa. Mitxoletak loratzen ziren udaberriro, ezti gozoa egiten zuten erleek, jendeak alai txistu egiten zuen kalean eta, eta... eta bertan gaude orain. Espazioaren iluntasunean musika harmoniatsua entzun daiteke: lo egiterako garaian amaren magalean kulunkatzen zaituzten horietakoa; abestean zoriontsu sentiarazten zaituzten horietakoa; hanketan kilimak eginez dantzara bultzatzen zaituzten horietakoa. Bazterrak girotzen dituen musika honen gainetik, neskato baten ahots gozoa entzungo dugu, bera da, gure ipuineko protagonista. MALENEN AHOTSA.- Aitak etxetik alde egin zuen egunean, herrian etengabe egin zuen euria, hogeita hamar egun eta hogeita hamar gauetan zehar. KONTALARIA.- Bortitza bihurtuko zaigu musika bat-batean, eta horren artean ekaitz izugarri baten soinuak eta argiak ikus ditzakegu. Bai beldurra! Pixkanakapixkanaka desegiten joango da ekaitza. MALEN.- Gero hodeiei sikatu omen zitzaien bihotza, eta urtebete egon ginen izugarrizko lehortea jasaten. KONTALARIA.- Inguruak argi laranjaz tindatzen hasi dira; azken finean, erraz antzeman daitekeen bezala, udako arratsalde kiskalgarri horietako batean gaude. Hau beroa! Sumatzen duzue, ezta? Izerditan blai bukatzeko modukoa! Uf! Eguzkiaren distiren artean, egurrezko etxe zahar baten ataria ikus dezakegu; aspaldi altxatu zen etxeko paretetako margoa, eta inor ez da berriz margotzeaz arduratu. “Zertarako, ba?” Esango dizu herriko edonork. Hiruzpalau eskailera maila karrankari daude sarrerako ate zaharkituraino; kirrinki-karranka egiten dute eskailerek zapaltzean, operako abeslari baten garrasi zorrotzek egiten duten bezala. Entzun, entzun. Hamar bat urteko neskatoa da eskailera indarrez zapaltzen duena, gora eta behera, gora eta behera saiatzen da dibertitzen, eskaileran bertan eseri baino lehen. Neskatoak Malen du izena, bi eskuekin heltzen du burua asper-asper eginda baitago. Normalean alaia eta jatorra da, alde batetik bestera bueltaka eta saltoka dabil beti, baina gaur ez. Gaur ez daki zer egin. Eta jantzita daraman soineko hori? Behin dotorea izan zen; gaur egun, ordea, nahiko zikina eta urratua dago, ia trapuetarako ere ez du balio. Oinutsik joatea gustatzen zaio eta garai batean itxura hobea izan zuten bere ileko xingolek. Aspertuta dago gure Malentxo, bai. Bidea zeharkatzen duten autoak zenbatzera atera da, baina bere herritik ez da apenas kotxerik pasatzen eta ez da nahikoa izango bere gogogabetasunetik ihes egiteko. Hasperenak etengabeak dira. Malen koitadua. Palmondo baten hostoaz haizea ematen du aurpegian, ea ideiak freskatzen zaizkion. Beharko bai! Demontre! Ondoko kalexka meharretik Manuel agertuko da, herriko eskalea eta neskatoaren lagun mina. Manuel tipo altua baino altuagoa da, garai batean herrian saskibaloi taldea egon izan balitz bera zatekeen kapitaina, baina sekula ez zaio gehiegi saskibaloia gustatu eta aspaldi inork ez duela kirolik egiten herrian. Uda izan arren, gabardina darama soinean; izan ere, eskaleak urte osoan zehar janzten du gabardina, eta herriko etxekoandreren batek garbi diezaion baino ez du kentzen. Etxekoandreak beti tematzen dira gabardina hura garbitzeko, eskaleari garbitzearen ideia gehiegi gustatzen ez zaion arren. Herriko jende guztiak maite du Manuel eta gustura eskainiko liokete beren etxea bizitzeko, baina Manuelek nahiago du kalean bizi, espiritu librea omen da-eta. Hori esaten du berak behintzat: “Espiritu librea naiz ni” MANUEL.- Urtzen ari dun kale nagusiko brea. MALEN.- Horrek harritzen al hau? Gu geu urtzen ez garen bitartean, gaitz erdi. (Tontoarena egiten.) Ai, urtzen ari nauk, urtzen ari nauk! MANUEL.- Ez dinat nire bizitza osoan horrelako lehorterik ezagutu. MALEN.- (Utziko dio tontoarena egiteari bestearen barreak lortu ez dituenean.) Ai, Manuel! Urtero gauza bera esaten duk, urtero gertatzen duk hire bizitzako lehorterik kezkagarriena. Nola da posible hori? MANUEL.- Benetan? Hori esaten al dut? Agian memoria kaxkarreko tipoa naizelako, baina ezin didan ukatu oraingo hontan egoera kezkagarria dela. MALEN.- Ez zaik arrazoirik falta. Urtebete zaramaagu ur tanta bat bera ere ikusi gabe... ur bila gerturatu gintuan atzo putzura... eta erdiraino soilik bete ahal izan genian pertza... Entzutekoak zituan Mikaelaren hasperenak eta aieneak. MANUEL.- Herriko zaharrek diotenez, madarikazioren batek hartu din herria eta hori konpondu arte... ez din berriz euririk egingo eskualde osoan. MALEN.- Baina, zer diok Manuel? Nork kontatu dik horrelako lelokeria? MANUEL.- Ez dun lelokeria. Ahoz aho zabilen. MALEN.- Jendea aspertzen duk... neu bezala. Uda amaigabe hontan zerbait asmatu behar duk orduak azkarrago igarotzeko. MANUEL.- Zaharren esanetan gezurrik ez. MALEN.- Hala uste baduk... MANUEL.- Gizonak joan zirenetik denbora gelditu dun herrian. MALEN.- Egia. KONTALARIA: Hasperen egiten dute biek. Bitan hasperen egiten dute biek. Hirutan hasperen egiten dute biek. MALEN.- (Lotsati.) Manuel, galdera bat... MANUEL.- Esan... MALEN.- Zergatik ez hintzen beste gizonekin joan? MANUEL.- Espiritu librea naun. MALEN.- A... horregatik. MANUEL.- Horregatik? Ze esan nahi du “horregatik”? Haiekin joatea nahiko huke? Hori nahiko huke? Koldarra naizela uste al dun? MALEN.- Ez, ez diat hori esan, baina arraroa duk. Herriko gizon guztiek alde egin zitean... haurrek, zaharrek eta heuk izan ezik. MANUEL.- Egia esango dinat... ez ninditenan borrokarako onartu. MALEN.- Ez duk izango. Nola da posible hori? MANUEL.- Gizon indartsuak behar ditun izurriarekin bukatzeko... aspaldi utzi nionan indartsu izateari. Arnas egiteko arazoak ditinat biriketan, eta berehala geratzen naun airerik gabe. Borrokara ez joateak tristatzen al hau? MALEN.- (Alai.) Ez, kontrakoa, pozten nauk; horrela badiat norekin hitz egin eta jolastu. KONTALARIA: Bat-batean zarata entzuten da etxe barruan; antzeman daiteke norbait haserre mugitzen ari dela. Bi lagunek adi begiratzen diote etxeari, ezaguna baino ezagunagoa baitute zarata hori. MANUEL.- Oi, oi, oi. MALEN.- Ai, ai, ai. BIEK.- Ui, ui, ui. KONTALARIA: Norbaiten arnasestuak entzun ditzakegu etxean. Mikaela da, Malenen haurtzaina, neskaren bila dabil eta bidean dituen tramankulu guztiekin egiten du estropezu. Hain da baldarra. MIKAELAREN AHOTSA.- Ai, ene! Ai, ene! MALEN.- Hobe huke alde egitea, Manuel. MIKAELAREN AHOTSA.- Madeleine! Ai, ene! Ai, ene! Non demontre sartu da neskato hau? Madeleine! MANUEL.- Zergatik, ba? MALEN.- Badakik nolakoa den, ez dik batere atsegin kaleko jendearekin ematea orduak; zuen eragina ez omen duk ona niretzat. MANUEL.- Ze? Geure eragina? MALEN.- Horixe bera. Tira, tira, ez diagu berriketan ibiltzeko astirik. MANUEL.- Baina ez dinat inora joateko paradarik, ihesean harrapatuko nain. MALEN.- Orduan, ezkuta hadi, azkar. MANUEL.- Non baina? MALEN.- Teilatuaren gainean. Ez, hor ez. Eskailerapean. Hor ezta ere. Hor lorategiko zuhaixkaren atzean. Hor bai. MANUEL.- Iharra baino iharrago zagon. MIKAELAREN AHOTSA.- Ai, ene! Madeleine! Etor zaitez hona lehenbailehen! MALEN.- Ez dik inporta, oso despitatua duk eta ez hau ikusiko bertan. MANUEL.- Ongi dun. KONTALARIA.- Manuelek zuhaixkaren atzean ezkutatzeko imintzioa egitearekin batera, Malentxoren aurpegi zikina ikusiko du. Begi-bistakoa da, bai! Manuel eskalea izan arren, ezin du onartu Malenen kuxidadea. MANUEL.- Etor hadi hona, Merriman andreak horrela ikusten bahau, zuzenean sartu beharko haiz bainuontzian. KONTALARIA.- Gabardinatik aterako du mukizapia, eta listu pixka batekin hasiko zaio aurpegia garbitzen, xingolak tentuz atontzen dizkion heinean. MANUEL.- Ez nain harritzen hirekin haserretzea. Neskato batek bere itxura zaindu behar din, soineko honek urratuak ditin leku guztietatik. MALEN.- Ai, utz nazak bakean. Mikaela Merriman andreak bezala hitz egiten duk. Nahi dudan moduan jantziko diat. Gorroto ditiat soinekoak, eta hau janzteko arrazoi bakarra... MANUEL.- Nahi dunana, heuk jantzi nahi dunana... baina ez dinat nahi berriz errieta egitea. MIKAELAREN AHOTSA.- Madeleine! Ma-de-leine! MALEN.- Bai haserretuko dela nirekin ikusten bahau. Ezkuta hadi berehala zuhaixkaren atzean. MANUEL.- Ados. KONTALARIA.- Ezkutatzearekin batera irekiko da etxeko atea, bertan agertuko da Mikaela Merriman andrea bere soineko garbi-garbia eta beltz-beltza daramala. Motots estuak eta aurpegi serioak beldurra sortuko liokete edonori, emakumea nahiko baldarra izango ez balitz, behintzat; izan ere, dibertigarria suertatzen da bere baldarkerian, eta esfortzuak egin behar ditu Malenek barre ez egiteko. Egongelako gauza guztiekin estropezu egiten duenez, eskuetan lanpara bat darama, buruan kulero batzuk eta oinean itsatsirik uneoro kentzen saiatzen den azpila: itxura dibertigarria emango dio horrek emakumeari. MIKAELA.- Madeleine! (Kuleroekin ez duela ongi ikusten.) Ai, ene! Ai, ene! Jakin daiteke non sartu zaren? MALEN.- (Barreari ezin eutsirik.) Hementxe, Merriman andrea. KONTALARIA: Merriman andrea bere egoeraz konturatu da, kuleroak aurpegitik kentzen ditu baina hemendik aurrera eskuan itsatsirik geratuko zaizkio lanpararekin batera, zein barregarria! Azpila eta kuleroak kentzen saiatuko da etengabe eta arrazoi horregatik nahiko komikoak dira bere sermoi guztiak. MIKAELA.-Trasteak leku guztietatik uzten dituzu eta noski, gero neuk jaso behar dena. Ez naiz zure neskamea. Entzun duzu? MALEN.- A, uste nuen estropezu egiten zenuelako zeneramatzala tramankulu horiek gainean. MIKAELA.- Estropezu neuk? Nola ausartzen zara hori esatera? Jakina ezetz. Jaso behar ditut sakabanatuak uzten dituzun gauzak eta horregatik... e... u... e... entzun duzu... ez naiz zure neskamea. Ai, ene! Ume demonioa! MALEN.- (Azpila seinalatuz.) Eta oinarekin ere jasotzen al dituzu gauzak? MIKAELA.- (Disimulatzen saiatuko da, azpilaz libratu nahian, baina ez du lortuko.) Jakina! Gorputz atal guztiekin jaso behar ditut gauzak dena txukun uzteko. Hau kalamidadea! KONTALARIA.- Neskari bere abilidadea erakutsi nahi dio eta, bere asmoa ez den arren, gorputzeko atal ezberdinak erabiliz keinu komikoak egingo ditu inguruan dauden gauzak jasotzeko. Ia zirkuko artista dirudi. MIKAELA.- Begira, begira... Begira zein abilidadea dudan. KONTALARIA.- Bat-batean Maleni begiratuz, ai, ez! Lurrera eroriko zaizkio jaso dituen gauza guztiak, pin, pan, pun, azkenean kargatzen zuen guztiaz libratuz. Baita azpilaz ere. MIKAELA.- Baina, baina, baina, zer itxura da hori? MALEN.- Berriz hasiko al gara? MIKAELA.- Jakina. KONTALARIA.- Diskurtsoa ematen hasiko da Merriman andrea, beti berbera denez, Malenek buruz daki eta, ai ene! andrearekin batera esango du hau antzeratuz. MIKAELA.- Badakizu ongi hezitako neskatoek beti esaten zaien guztia bete behar dutela, ezingo dute ezer esan baimena eman arte eta, iritziak izatekotan, beretzat gordeko dituzte. Garrantzitsua da oso, beti soineko garbiak eta politak eramatea... (Malen imitatzen ari dela ikusita.) Nahikoa da! Imitatu nahian zabiltza? MALEN.- Nor, neu? MIKAELA.- Jakina. MALEN.- Ziur al zaude neu izan naizela, Merriman andrea? MIKAELA.- Ziur? Ba... beno... ez dakit... MALEN.- Orduan, ziur ez bazaude... MIKAELA.- Ez ni endredatu gero. Ai, ene! Zu izan ez bazara, zuhaixka ihartuaren atzean ezkutatuta dagoen zure lagun zarpaila izan da eta errespetu falta izugarria deritzot horri; azken finean, ez dugu apenas elkar ezagutzen eta... MANUEL.- (Asaldatuta bere ezkutalekutik.) E, ni ez naizela izan! (Bere golkorako ezkutalekua agerian utzi duelako edo.) Kakazaharra, harrapatu egin naik. MALEN.- (Arduratuta Manuelek jaso dezakeen errietarengatik.) Ez, Manuel ez da izan. Barkatu, neu izan naiz, nirea da errua. Baina badakizu soinekoak gorroto ditudala, are gehiago udan, eta arrazoi bakar batengatik janzten dut soineko hau... MIKAELA.- Zure apetak bost axola neuri, baina nire kargu utzi zaitu amak, eta nirekin zauden bitartean, behintzat, txukun joango zara. MALEN.- Gaixorik jarraitzen al du amak? MIKAELA.- Badakizu ez dela apenas ohetik jaiki zuen aita joan zenetik. (Biak isilduko dira. Mikaela gaiaz aldatzen saiatuko da.) Esaiozu zure bi metroko lagunari atera dadila zuhaixka horretatik, ez baitizkio hankak ere estaltzen. MALEN.- Atera, Manuel, mesedez! KONTALARIA.- Manuel, lotsati, “basotik” aterako da, adaxkak gabardinan endredatzen zaizkion arren, ai, ai, ai, azkenean lortuko du Malen eta andrearen ondora gerturatzea. MANUEL.- (Burumakur eta eskua eskainiz.) Egunon, Merriman andrea. MIKAELA.- Zer egunon eta zer eguntxar... Baina zer zikina daramazun gabardina. Manuel zara, ezta? Zein izan zen garbitu zenuen azken aldia? MALEN.- Utziozu bakean, oso garbia da Manuel. MIKAELA.- Zurekin alderatuta, jakina. Manuel, erantzun nire galderari, noiz izan zen gabardina hori garbitu zenuen azken aldia? MANUEL.- (Burumakur oraindik.) Ba, ez dut ongi gogoratzen. Uste dut Mclean andreak garbitu zidala aurreko hilean. MIKAELA.- Mclean andreak? Puf! Horrek ez du sekula Marsellako xaboia erabiltzen. Ulertu behar duzue izurritea gertu dagoela eta horri aurre egiteko garrantzitsua dela garbitasuna. Dena garbi-garbi edukitzea. MALEN.- (Mikaela eta Manueli galdetuko die.) Egunero ari zarete izurriteari buruz hizketan, baina... zer da? Nolakoa da? Zergatik eraman behar dugu den-dena garbia? MANUEL.- Ez ni begiratu. Espiritu librea naiz, bai, baina gutxi dakit izurriteei buruz. MIKAELA.- Egia esan... ez dakit seguru... baina izurritea dena delakoa izanda ere, hobe dugu garbi egotea, gaixotasunik ez harrapatzeko. Badaezpada ere. (Manueli gabardina kenarazten saiatzen da.) Horregatik, Manuel, ekarri, ekarri hona... MANUEL.- (Erresistentzia apur bat jarriz.) Ezetz andrea, ez dela behar... MIKAELA.- Nola ez dela behar? KONTALARIA.- Tira-bira gertatuko da gabardinaren inguruan, ene, zirudiena baino indar handiagoa dauka Merriman andreak. Malen bere lagunaren alde egiten saiatuko da sokatira inprobisatu horretan, ai, ez! azkenean alde batetik bestera urratu egin da gabardina. MALEN.- Begira ze egin duzun! MIKAELA.- Ziur Mclean andreak lixiba erabili zuela eta gabardina horrela geratu zaizu... Berria erosi beharko zenuke. MALEN.- (Merriman andrea seinalatuz.) Baina, zure errua izan da. MIKAELA.- Ongi hezitako neskato batek sekula ez du seinalatzen, garbitzera joan beharko zenuke. MALEN.- Ez dut ongi hezitako emakumea izan nahi. MANUEL.- (Miretsita Merriman andrearen indarra dela eta.) Arrazoia du. MALEN.- Baina Manuel, zer diok? Hire gabardina urratu dik eta. MANUEL.- (Liluratuta.) Nahigabe izan da. Oso emakume ederra eta azkarra da Merriman andrea. Arretaz entzun beharko zenuke berak esandako guztia, berak badaki zer den ona zuretzat. MIKAELA.- (Manuelen esaldiekin harrituta.) Benetan pentsatzen al duzu hori? (Manuelek baietz esaten dio buruaz. Bat-batean irribarre tontoaz.) Ai, ene! Ekarri gabardina, mesedez. (Gabardinaren bi zatiak hartuz. Segundo batez usaindu eta gero.) Ai, ene! Ez dago uste nuen bezain zikina, usain freskoa du. Neuk josiko dizut eta berria izango balitz legez geratuko zaizu. MALEN.- Baina, zer diozue? Tontotuak al zaudete? Manuel, haserretu hadi, gabardina bi zatitan utzi dik. MANUEL.- (Irribarre tontoaz Merriman andreari egiten dio hitz eta ez Maleni.) Nola haserretuko naiz, ba? Nire gabardina berria izango balitz bezala utziko duela esan du. Gainera gabardina bat besterik ez da, gabardina asko daude munduan... MALEN.- Gabardina asko munduan? Zer? Merriman andrea ez josi, gabardina asko daudela munduan. Zergatik josiko diozu gabardina? Berak jos dezala ez bazaio inporta, ez du beti esaten: “Ni espiritu librea naiz”. Ba, ikas dezatela espiritu libreek garbitzen eta josten. MIKAELA.- (Irribarre tontoaz.) Malentxo, maitea, ez zaitez lotsagabea izan. Manuel jauna... MALEN.- Manuel jauna? MIKAELA.- Bai, Manuel jauna ezagutu dudan gizonik galai eta lerdenena da. Gabardina konponduko diot, ez dago eztabaidatzerik. Ados, Manuel jauna? MANUEL.- Manueltxo, mesedez. MIKAELA.- (Lotsati.) Ados, Manueltxo? MANUEL.- Ez da beharrezkoa. Baina, zuk nahi duzuna, Merriman andrea. MIKAELA.- Ez nazazu Merriman andrea dei. Mikaela deitu, mesedez. MANUEL.- Zuk nahi duzuna... Mikaela. MALEN.- (Bere golkorako.) Manueltxo? Mikaela? Tontotuak zauden heldu hauek. MIKAELA.- (Eskuarekin agur eginez.) Agur! MANUEL.- (Eskuarekin agur eginez.) Agur! KONTALARIA.- Urrutitik eskuekin agur egingo dute jolasean egongo balira bezala, a ze parea! Baina sartu aurretik, nola da posible? Berriro? Merriman andreak azpilarekin berriz estropezu egin du. MIKAELA.- (Amets gaizto batetik esnatu izan balitz bezala.) Ai, ene! Zertarako etorri nintzen ni hona? A! Madeleine, ez ahaztu eskolako lanak egin behar dituzula! MALEN.- Udan gaude. MIKAELA.- Hori al da arrazoia ez egiteko? Urtebete daramagu udan eta ezin zara urtebete eskolako lanik egin gabe egon. MALEN.- Hori ere egia da. MIKAELA.- Badakizu! Eta aldatu arropa hori, mesedez! (Berriz irribarre tontoaz.) Agur, Manueltxo! (Agur esango dio eskuaz etxera sartu arte, hori bai, azpila hankan daramala.) MANUEL.- Agur, bai! Ze emakumea... MALEN.- (Manueli hitz egiteko ostikoa joko dio.) E, esnatu! Esnatu! MANUEL.- Ai, Malen! Hemen al hintzen? Ze gertatzen zain? MALEN.- Arazo bat diagu, Manuel. MANUEL.- Arazoa? Zein arazo? Gabardinarengatik esaten badun... MALEN.- Ez, ez duk hori. Arazo larriago bat. Urtebete zaramak euririk egin gabe. MANUEL.- Bai, lehen ere esan dun. MALEN.- Bai, baina Mikaelak esan duen bezala, ezin gaituk uda etengabe batean bizi. Horregatik zerbait egin beharko genikek. MANUEL.- Zerbait? MALEN.- Bai, zerbait. MANUEL.- Baina, ze zerbait. MALEN.- Ez zakiat, utzidak pentsatzen. MANUEL.- A, ongi dun, biok pentsatuko dinagu. KONTALARIA.- Biek zerbait pentsatzeari ekingo diote segundo batzuetan, buruak zarata egingo die pentsatzean. Entzuten duzue? Ratata, kruitz-kruitz, ratata. MANUEL.- Zerbait? MALEN.- Ez, oraindik ez. KONTALARIA.- Biek berriro zerbait pentsatzeari ekingo diote, ratata, kruitz-kruitz, ratata, oraingoan ke moduko bat aterako zaie burutik. MANUEL.- Zerbait? MALEN.- Ez, ba, oraindik ez. KONTALARIA.- Berriro pentsatzeari ekingo diote eta buruko ilea tente jarriko zaie: ratata, kruitz-kruitz, ratata. Azkenean Maleni zerbait bururatuko zaio, argi bat piztuko zaio buruan. MALEN.- (Pozik.) Bai! MANUEL.- (Pozik ere Malen pozik ikusita.) Bai! Zerbait bururatu al zain? MALEN.- (Pozik) Bai! MANUEL.- (Pozik ere bai.) Bai! Eta ze bururatu zain? MALEN.- (Pozik.) Ideia bikaina! MANUEL.- (Pozik.) Ideia bikaina! MALEN.- Ideia paregabea! MANUEL.- (Gero eta alaiago.) Ideia paregabea! Baina, zein da ideia? Esan, esan... MALEN.- Euriaren bila joango gaituk. KONTALARIA.- Isilik geratu dira biak. MANUEL.- (Serio.) Euriaren bila joango garela? MALEN.- Bai, Manuel, berehala gainera. MANUEL.- Hori al da hire ideia bikaina? Hire ideia paregabea? MALEN.- Bai! Bai! MANUEL.- Ai, Malen... MALEN.- Zer duk Manuel? MANUEL.- Hori ezinezkoa dun. Inor ezin dun euriaren bila joan. MALEN.- Ezinezkoa, hori ez duk egia. Ez zagok ezer ezinezkoa. (Isilunea.) MALEN.- (Manuelen gaitzespen aurpegia ikusita.) Manuel, ez duk ezinezkoa. Euria urtebete zaramak agertu gabe, nonbaitera joango zuan... Ez da hala? Agian galdu egin duk eta ez zakik honaino etortzen. MANUEL.- (Pentsamenduak buruari bueltaka dabilzkio.) Baliteken. MALEN.- Gu geu izango gaituk bere bila joango garenok. Ez zaik zoragarria iruditzen? Abentura zoragarria izango duk guretzat. MANUEL.- Ez zakinat nik ba... eta euria topatu baino lehen... MALEN.- Zer? MANUEL.- Eta euria topatu baino lehen... izurriteak gu aurkitzen bagaitu? MALEN.- (Serio.) Posible duk, hor arriskua zagok. Baina gu ausartak gaituk, ezta? MANUEL.- Ez zakinat... MALEN.- Baietz ba! Geure abentura bizitzera goaz! BIAK.- Geure abentura! MIELTXO.- Kaizo! KONTALARIA.- Zortzi bat urteko mutikoa agertu da kaleko bidexkatik. Nahiko potoloa da, belaunak zauriz beteak ditu eta poltsikoetan ia beti bokataren bat eraman ohi du. Uf! Hitz egiten duenean akats bat du ahoskatzeko eta batzuetan ez zaio esaten duena erabat ulertzen, konturatuko zarete, bai. MIELTXO.- (Poltsikotik ateratako bokata jaten hasten dela.) Kaizo! Zertan zabilzate? MANUEL.- Hementxe, geure abentura... (Malenen ukondokoa jasotzen du.) Ai! Ze? MALEN.- (Disimulatzeko keinuak eginez.) Hementxe, aspertzen. Badakik, uda luze hontan... MANUEL.- Baina, Malen, gu... KONTALARIA.- Malenek besotik helduko du Manuel, eta bazter batera eramango du. Mieltxo ez da gehiegi arduratuko gertatzen denarekin eta bere bokata jaten jarraituko du. Zanpa-zanpa. MALEN.- Zoratuta al hago? MANUEL.- Zergatik? Euriaren bila joan behar dugula kontatu behar nionan, besterik ez. MALEN.- Horregatik, ezin zioagu inori kontatu. (Hatza ahora hurbilduko du isiltasuna eskatuz.) Gure sekretua duk... MANUEL.- A! Gure sekretua... Baina, laguna dinagu Mieltxo, nora jo behar dugun kontatu beharko genioken. MALEN.- Ez, bestela gurekin joan nahiko dik eta onartezina duk hori. MANUEL.- A! Onartezina... Baina hobe hiru bi baino, laguntza beharko dinagu euria topatzeko, auskalo ze arrisku izango ditugun bidean. MALEN.- Eta hik uste duk Mieltxo laguntza izango dela? KONTALARIA.- Biek burua jiratuko dute Mieltxo begiratzeko. Miel ez da ezertaz ohartzen eta une horretan buf, hau nazka, une horretan hortzetatik txorizo zati bat kentzen ahalegintzen arituko da. Begira ikusten dituenean eskuaz agurtuko ditu. Biek ere agurtuko dute. MALEN.- Ikusten? MANUEL.- Agian, ez dun laguntzarik egokiena... baina... gure laguna dun eta janari hornidurak eraman zitzaken. MALEN.- Hori ere egia duk. (Mieltxok bi lagunen hausnarketak etengo ditu.) MIELTXO.- Ordua, ze, zuekin joando naiz, bai ala ez? BIEK.- Gurekin? Nora gurekin? MIELTXO.- Eudiaden bila, noda izango da, ba? BIEK.- Dena hekien? MIELTXO.- Bai, nozki. Azpaldi dadamat zuen elkadizketa enzuten. Zuekin joando naiz, bai ala ez? MALEN.- (Manuelek ukondoarekin eman diola.) Ados. Baina esandako guztia egin behar duk. MIELTXO.- Adoz. MALEN.- Eta arriskuekin ez haiz negarrez hasiko, ezta? MIELTXO.- Ez, Maden, nik ez dinat zekula negadik egiten. Beno, bazuetan bakadik... Eda janadi guztia edaman zezakenat. MALEN.- Hortan ez genian inolako zalantzarik. (Manuelen beste ukondoko bat jaso duela.) Ongi da... Prest al zaudete? MIELTXO eta MANUEL.- Bai! MALEN.- Euriaren bila joango gara! MANUEL.- Malen, ez dun hire ama agurtuko aurretik? MALEN.- Ez, ohean egongo duk. Gaixorik zagok, ez diat larritu nahi. (Isiltasuna) MALEN.- (Berriz denak animatu nahian.) Euriaren bila joango gaituk, ados? MIELTXO eta MANUEL.- Bai, euriaren bila! HIRUEK.- Euriaren bila! II KONTALARIA: Musika misteriotsua entzungo da, oilo ipurdia jartzeko moduko musika. Erabat kiskalitako baso batean gaude, soilik zuhaitzen hezurdurak geratzen dira eta errautsez betea dago lurzorua. Errautsez egindako basamortu bat dirudi. Hara!, han eta hemen arroka handi batzuk topa ditzakegu. Malen eta Manuel agertuko dira, motxila banarekin. Manuelek nekatu aurpegia du, ai, horrenbeste ordu oinez eta oinez, arnas egitea ere kostatzen zaio; Maleni, ordea, aurrera egiteko gogo tinkoa nabari zaio; izan ere, zerbait buruan sartzen zaionean... MANUEL.- (Zailtasunez arnas eginez) Orduak zaramanagu errautsa ikusten, besterik ez. MALEN.- Eutsi, Manuel. Bide egokian goazak eta. MANUEL.- Hik esaten badun. MALEN.- Bai, horrela duk. (Atzera begiratuz.) Hara! Jakin daiteke non sartu den Mieltxo? MANUEL.- Ez zakinat, duela gutxira arte gure atzetik zetorrenan. BIAK.- Miel! Miel! KONTALARIA.- Zer dira zarata horiek? A, jakina, Mielen arnasestuak entzun ditzakegu. Begira, hor dago, azkenean bidetik dator izerdi patsetan eta ia lurretik arrastaka. MIELTXO.- Banoa, banoa... Motelzeago joan ahal zineden, ez dago zuen abiadura jarraizerik. BESTEAK.- E? MIELTXO.- Polikiago joadeko, konzo. MALEN.- Zer diok? Ez goazak azkar, oso geldoa haiz. Kilo batzuk soberan dituk, hori duk asuntoa. MIELTXO.- (Minduta.) Hori izango dun azundoa, Malen. Baina ni nekadurik nagon eda (Esfortzu handia eginez bazter batean dagoen harri koxkor baten gainean esertzen da.) ez naun hemendik mugiduko dezkanzadu arde. MALEN.- Hik jakingo duk ze egiten duan. Manuelek eta biok aurrera jarraituko diagu. Ezta, Manuel? MANUEL.- Malen, agian atsedenalditxo bat... MALEN.- Manuel, hik ere? (Bakarrik abiatzeko helburuaz.) Bakarrik joango nauk. MANUEL.- Malen, ez izan kaskagogor eta entzun. Orduak zaramanagu ibiltzen eta ibiltzen. Ongi zagon pixka bat deskantsatzea eta zeozer jatea. Ez dun uste? (Malen pentsakor.) Gero indarberrituak bideari ekingo zionagu. MALEN.- Ongi, baina denbora laburra izango duk. MANUEL.- Ongi! MIELTXO.- (Oraindik minduta dagoela, marmarti Maleni.) Gude kapidaina gedaduko dun azkenean. MALEN.- E? MIELTXO.- Azkenean geraduko haizela, konzo. MANUEL.- (Mieltxoren ondoan eseriz.) Malen, uste dinat barkamena eskatu behar dionala norbaiti. MALEN.- (Oso tematia dela.) Barkamena? Nori? Zergatik? MANUEL.- Malen, mesedez, ez hadi egoskorra izan. KONTALARIA.- Manuel harritik jaikiko da, eta Maleni keinuka esango dio Mieltxoren ondoan esertzeko. Purrustaka onartzen du esertzea; azkeneko honek, beste alde batera begiratuko du harrotuta eta minduta. MALEN.- Mieltxo, ez nian oso motela haizela esan nahi. MIELTXO.- Eda? MALEN.- Eta ez dituk kilo batzuk soberan, bakoitzak bere gorputza dik. Gorputz guztiak ezberdinak dituk baina guztiak ederrak. Hi potxoloa haiz eta ni, espageti bat bezalakoa. Eta ze, ze inporta du horrek? MIELTXO.- Benetan esaten dun hori ala barkatzeko esaten dun? MALEN.- (Segundo batez zalantzati.) E... ai, Mieltxo, ez izan tontoa. Zera esan nahi diat... Haizen bezala gustatzen hatzait, akatsekin eta gauza onekin. Horregatik gaituk lagunak. MIELTXO.- Eda? MALEN.- Baina ze gehiago nahi duk esatea? MIELTXO.- Ezagudu dunan mutikodik jatodena eta ongien danzazen dena naizela. MALEN.- Zer? Hori ez diat esango... MANUEL.- Malen... MALEN.- (Hasperen eginez.) Mieltxo, ezagutu dudan mutiko jatorrena eta ongien dantzatzen dena haiz. Konforme? MIELTXO.- (Malen besarkatuz.) Bai! Hi ezagudu dudan nezka jatodena eta ongien abezten duena haiz. MALEN.- (Benetan irribarre egiten duela bere lagunarekin.) Ai, Mieltxo! Zein txotxolo haizen... zera, esan nahi diat, zein dibertigarria haizen. MANUEL.- (Beste harri koxkor baten gainean eseriz.) Dena bere onera etorri denez, askaritxoren bat egitea komeni zaigu. MALEN.- Bai, Manuel, orain arte ez nauk konturatu... baina lehoi oso bat jango nikek. Mieltxo, atera ekarri dugun janaria. (Mieltxok zerura begiratzen du txistuka.) Miel? Ez al duk entzun? Atera bokatak eta bestea. (Kasurik egiten ez diola, jaikiko da) Mieltxo, ez huen guztia jango, ezta? MIELTXO.- Jo, gose nindunan... MALEN.- (Haserre.) Emango diat ba... (Baina Manuelek heltzen du ezer egin aurretik eta lasaitzen saiatuko da.) MANUEL.- Miel, Mieltxo... gordeko higun zerbait, ezta? MIELTXO.- (Irribarrez.) Bai, nozki. MANUEL.- Ikusten, Malen? Ez dun zertan horren azkar urduritu behar. Ea, Mieltxo, atera gordeta duana. MIELTXO.- (Bere motxilatik gauzak ateratzen hasiko da eta lurrean uzten. Bere buruarekin bezala.) Gozoki bazuk, mendazkoak... inzaudak... ah, ez, inzaudak lehenengo bideguruzean bukatu nitian... patata polza bat... bi azenario... non zartu ditiat azenarioak?... ah, eta zagar bat, hara ez nekian zagar bat genuenik (Mielek hozkada emango dio.) Apud bat berdea, baina gozoa zagok, (besteei) nahi? MANUEL.- (Ukabilkada aurpegian eman nahi diola.) Emango diat ba... MALEN.- (Manuel lasaitzen saiatuko da.) Lasai, bestela asma atakea izango duk. (Mieltxori.) Behintzat ura utziko higun. MIELTXO.- Uda? Ze uda? MALEN.- Kantinploran sartu dugun likido garden hori. MIELTXO.- A, hodi! MANUEL.- Orduan? MIELTXO.- Bidean topadu geduen hezudetan zegoen zakur argal hodi eman nion. Egadi zela zirudien. BESTE BIAK.- (Lepotik heltzeko asmoz.) Zer? MIELTXO.- E! Zanza zela! Jenio bizia duzue! Uda hazi gabe dagoela! KONTALARIA.- Beno, jateko garaia da. Mielek kantinplora aterako du eta geratzen diren jakiak jatera eseriko dira denak. MANUEL.- (Maleni) Gozoa zagon azenarioa... MALEN.- Baina ur gutxi geratzen zaiguk, Manuel, ez badiagu berehala putzu edo ibairen bat topatzen... (Bere ingurura begiratuko du esperantza galduta.) ...buelta eman beharko diagu. MIELTXO.- Eudia aurkitu gabe? MANUEL.- Malen, baina ez badinagu euria topatzen, laster herrian lehorte jasanezina izango dun. MALEN.- Bai, hala duk. Baina inguru hauetan... MIELTXO.- (Mieltxo oso azkar hitz egiten hasiko da, sagar zatiak ahotik botako ditu eta ez zaio apenas ulertuko.) Hodi bai dela ezidezkoa, gorpuzak hidu egun baino gehiago idaun dezake ezed edan gabe eta gaineda odaindik... BESTE BIAK.- (Erdi barrezka.) Zer? MIELTXO.- Audeda jadaitu behad dugula, konzo. KONTALARIA.- Kar. Kar, kar! Manuel eta Malen barrezka hasiko dira, eta Malenek, oi, oi, oi... Mieli musua emango dio masailean. Mieltxo gorri-gorri jarri da eta denok barrezka hasiko dira. Kar, kar, kar! Bat-batean... adi, adi! zarata leuna baina arraroa entzungo da, zer edo zer arrastaka etorriko balitz legez. Hau beldurra! MALEN.- (Isilduz, belarria zorroztu nahian.) Entzun al duzue hori? MANUEL.- (Barrezka.) Bai, Mieltxoren tripak ditun, ogro baten orroak ziruditen. MIELTXO.- E! MALEN.- Ez, ixo! (Hirurak adi geratuko dira zer edo zer entzuteko asmoz. Zerbait arrastaka datorrela entzun daiteke.) Entzun al duzue? MANUEL.- (Maleni.) Zerbait arrastaka zatorren, ezta? MIELTXO.- (Larrituta.) Ai, animalia bazatiren bat izango al da? MALEN.- (Mieltxo lasaitu nahian.) Ez zakiagu. Azkar batean dena sartuko diagu motxiletan eta ezkutatuko gaituk. Begira arroka handi horren atzean... KONTALARIA.- Azkar, azkar, azkar... berehala dena jasotzen hasiko dira eta bukatutakoan arrokaren atzean ezkutatuko dira; baina, noizean behin, haien buruak ikus ditzakegu gertatzen denari so. Ezkutatu eta berehala ikusiko dute fardel beltz handi bat arrastaka. Baina, zer da hori? Bere kabuz mugitzen al dira fardelak? MIELTXO.- (Dardaraz.) Ezaten nizuena, animalia bazatia da. MALEN.- Bai, zera! Ixo, bestela entzun egingo gaitu! KONTALARIA.- Fardel beltza... ai, geldirik dago fardela, zerbait entzun izan balu bezala; ingurura begiratuko du baina ez du ezer ikusiko. Aurrera jarraituko du orduan eta askaria hartzen ari ziren lekuraino iritsiko da. Zerbait ikusi du lurrean eta hartuko du. Bitxia benetan... MANUEL.- (Bere buruarekin.) Zerbait ikusi duela uste diat. Ze, ordea? Nire motxilako linterna eta beste gauzak jaso ditiat. (Besteei.) Dena jaso duzue, ezta? MALEN.- Bai, nire motxilako mapa, ipar-orratza... Mieltxo? MIELTXO.- Bai... MANUEL.- Ziur? MIELTXO.- Bai... beno igual... MALEN.- Igual zer? MIELTXO.- Igual eta bakadik igual... gozokiak... MALEN.- (Haserre ez, baina bai arduratuta.) Ai, Miel! MIELTXO.- (Ia negarrez.) Nahigabe izan dun, Malen, jo. MALEN.- Ez hasi negarrez orain, mesedez. KONTALARIA.- Hain zuzen ere, fardel beltzak gozokiak altxatu ditu eta usaindu. Orduan bai hasi dela leku guztietara urduri mugitzen. Ongi ezkutatu! MANUEL.- Zerbait egin behar dinagu, Malen... MALEN.- Zer? MIELTXO.- (Negar malkoak garbitu dituela, azkar hitz egiten.) Hobedena, bedehala edazo egidea. BESTE BIAK.- Zer? MIELTXO.- Goazen denok bere konda! MANUEL.- Erotu egin al haiz? Zer egin dezakegu animalia basati baten kontra? MIELTXO.- (Kikilduz.) Beno... MALEN.- Mielek, arrazoia dik. Usaindu gaituk eta berehala aurkituko dik gure ezkutalekua. Izutzen saiatuko gaituk, azken finean, hiru gaituk eta bera bakarra. MIELTXO.- Hodi beda ezan nahi nian nik, Manuel. MANUEL.- Eta nola egingo dugu? MALEN.- Begira... KONTALARIA.- Eta orain zer pasatzen da? Hirurak elkartuko dira eta xuxurlatuz ematen du zerbait adosten ari direla. Bitartean fardel beltza alde batetik bestera joango da zerbait topatu nahian. Supituki hiru lagunak ezkutalekutik aterako dira oihuka, arropaz estalita dutela aurpegia eta bakoitzak motxiletatik ateratako tramankulu bitxiren batekin eskuetan, fardel beltzari eraso egin nahian. Linterna? Mapa? Zapatila? Zer lortuko dute, bada, horrekin? Hara, fardela beltza lurrera erori da izututa. FARDEL BELTZA.- Ez mesedez, ez egin ezer, ez mesedez. MANUEL.- Entzun duzue? Animalia basatiak hitz egin du? MIELTXO.- Animalia bazatiek hitz egiten al dute? MALEN.- Ziur tranpa bat dela guri ziria sartzeko, uste diat sorgin maltzurra dela eta saiatzen ari dela gu engainatzen. BULTO BELTZA.- Ez mesedez, gupida zaitezte, ez dut ezer egin. MALEN.- Ikusten, arrazoia nian. Hitz gozoekin gu limurtu nahian zabilek. MANUEL.- Uste dinat oker habilela, Malen. MALEN.- Ala, hi ere sorgindu al hau? MANUEL.- Ez, ba. Burugogorra haiz gero! MALEN.- Burugogorra ni? KONTALARIA.- Hauek eztabaidatzen ari diren bitartean, fardelari hurbildu zaio Mieltxo. Zein ausarta! FARDELA BELTZA.- Ez, ez, ez, mesedez. MIELTXO.- Hada, begida, hada. MALEN.- Ze egiten duk Miel? Ze hada, ez duk maitagarria... Alde egin hortik! MIELTXO.- (Barrezka.) Ez dun animalia bazatia, Malen. MALEN.- Nik esaten nuena, sorgin maltzurra duk. Etor hadi hona! MIELTXO.- Ezetz, ba! Ez dela sorgina ere! MANUEL.- Zer duk orduan, ba? MIELTXO.- (Barrezka.) Emakume zaharra! FARDEL BELTZA.- (Lurretik altxatuz.) Aizu, ez naizela horren zaharra, e! KONTALARIA.- Egia da! Mieltxok esan bezala edadeko emakumea da fardel beltza; kapa beltza du soinean eta entzuten zen soinua, kapak errautsaren kontra egiten zuen soinua zen. Emakumeak atsegina du itxura. Hiru lagunek aurpegietatik arropa kentzen dute eta tramankulu ezberdinak gordetzen. MANUEL.- Barkatu, andrea uste genuen... MALEN.- Beno, batez ere nik uste nuen... MIELTXO.- Ozo budugogorra da... MALEN.- E, aizak, denok beldur ginela! MIRTA.- Ongi dago noizean behin burugogorra izatea, gauza asko lortzen dira horrela, baina horrek ezin dizu bizitzan dena baldintzatu. MALEN.- (Burumakur.) Arrazoia duzu andrea. MIRTA.- Ez da ezer gertatzen, gaztetan horrelakoa nintzen ni ere. Askotan pentsatu gabe egiten nituen gauzak. Ai, ia ahaztu zait aurkeztea (Eskua eskainiz.) Mirta naiz. MALEN.- Urte askotarako, andrea. Ni Malen naiz eta barkatu gertatu berri dena. MIRTA.- Ez da ezer. Eta zure lagunen izenak? MANUEL.- Manuel naiz andrea, urte askotarako. MIRTA.- Bai, berdin. Eta txokolatea jaten ari den gazte hura? MANUEL eta MALEN.- Txokolatea? MIELTXO.- (Txokolate zatitxoak ahotik botaz.) Jo, azeko polzikoan audkitu dut eta... (Lotsatuta.) Miel naiz, Mielzo lagunentzat. MIRTA.- Eta zer egiten dute gazte jator hauek horren eskualde arriskutsuan? MIELTXO.- Abentuda! (Malenek lasaitzeko keinua egingo dio.) MIRTA.- (Irribarre tristeaz.) Abentuda, e? Eta zer nolako abentura bilatzen ari zarete? MANUEL.- Euriaren bila goaz. Gure herritik duela urtebete ez dela agertu. Zeuk ikusi al duzu? MIRTA.- Euria? Ba, hemen ez duzue aurkituko. Ez duzue ikusten nola dagoen guztia? Dena errauts bihurtuta, suak kiskalita, ez da ezer geratzen. MALEN.- Oso leku itsusia, zera esan nahi dut... tristea eta iluna dela leku hau. MIRTA.- Lasai, arrazoia duzu, oso leku itsusia da. Hau lehen baso eder bat zen, fruitu gozoak ematen zituzten zuhaitzek eta libre bizi ziren animaliak. Zoriontsu bizi zen eskualde honetako jendea. Orain ez da ezer geratzen. MALEN.- Nola da posible? Izurritea hemendik pasa al zen? MIRTA.- Izurritea? Berriz hitz hori? Aspaldi hona iritsi zen gizon talde bati entzun nien hori: izurritea zetorrela eta zuhaitzak moztu behar zituztela defendatzeko. Izurritea oso arriskutsua zela eta animaliak kanporatu behar zirela. Izurritetik babesteko basoko argigune batzuk erre behar zirela. Pixkanaka-pixkanaka dena suntsitu zuten arte, gero alde egin zuten izurritearen bila. Auskalo nora. Beste lekuren bat suntsitzera. MANUEL.- Eta ez zen hemen inor bizi hori eragozteko? MIRTA.- Zer egin behar genuen? Gizon horiek gehiago ziren, uniformeekin zetozen, arrazoia zutela ematen zuen. Hemen inguruan artzain eta nekazari ezjakinak besterik ez ginen bizi, ezin izan genuen ezer egin. MANUEL.- Eta orain? MIRTA.- Jende guztiak alde egin zuen, hemen jada ezin zen lurrik landatu, ezta animaliarik zaindu ere. Ni... ni hemen geratu nintzen, ez dut inora joaterik, nire semea gizon horiekin joan zen izurritea suntsitzera eta ez da bueltatu. Zaharra naiz, egia da, zuen lagunak esan duen bezala. Zaharra inora joateko. MIELTXO.- Etorri gurekin eudiaden bila! MALEN.- Miel... MIELTXO.- Jo, ze? MANUEL.- (Maleni.) Ez, Mieltxok arrazoia din. Andrea gurekin etor daiteken, edozein laguntza beti ongi etorria izango dun. KONTALARIA.- Jo, berriro bilduko dira hiru lagunak, eta eztabaida sutsu baten marmarrak entzun ditzakegu. Zein jenio bizia duen Malenek, zein ideia bitxiak dituen Mieltxok, zein tipo xelebrea den Manuel! Baina hirukote bikaina osatzen dute, hala ere. Mirtak bitartean irribarre egingo du, zer gertatzen ari den argi edukiko ez balu bezala. Azkenean hiru lagunak akordio batera iritsi direla dirudi. MALEN.- Erabaki dugu... MANUEL.-...nahi dugula... MIELTXO.- ...gurekin edortzea... MIRTA.- Zer? Zuekin erortzea? Nora baina “erori”? MIELTXO.- Ez, edortzea ez. Edortzea. KONTALARIA.- Mirtak ez du ulertu, normala, horregatik jarri du aurpegi hori. MALEN.- Mielek esan du... nahi dugula gurekin euriaren bila etortzea. MIELTXO.- Ba, hodi ezan dut, ez? KONTALARIA.- Kar, kar,kar. Hasi da barrezka Mirta, irribarre arin eta alaiaz! MIELTXO.- Hoden dibertigadia al da ezan dudana? MIRTA.- Oso jatorrak zarete gazteok, baina ez dut zuekin joan nahi. MIELTXO.- A, ez? Baina lehen ezan duzu... MIRTA.- Bai, baina hau da nire lekua. Errautsak eta guzti. (Errautsen artean bat-batean landare baten kimutxoa aterako da.) Begira, begira... DENAK.- O! MIRTA.- Oraindik esperantza dago, agian egunen batean hau berriz baso eder bat izango da. Zoazte orain eta euria aurkitzen baduzue bidali hona ere, beharrezkoa izango dugu eta. MALEN.- Horrela egingo dugu, Mirta. KONTALARIA.- Denek elkar agurtzen dute eta gure lagunak badoaz. MIRTA.- (Bere buruari.) Eta nire semea ikusten baduzue, esaiozue bere ama zain duela hemen. III KONTALARIA.- Aintzira batean gaude orain, baina aintzira... aintzira beltza da, dena petrolioz zikindutako aintzira. Bai zikina, hau nazka. Begira, Mieltxo korrika dator, ez da oso ohikoa Mielek korrika egitea, baina beti egiten du zerbait lortu nahi duenean, eta azkar gainera. MIELTXO.- (Oihuka.) Uda! Begida! Azkenean! (Motxilatik kantinplora aterako du eta aintzirako urarekin betetzera joango da.) Puf! KONTALARIA.- Zer egiten ari da? Ura usainduko du eta probatzera doanean... MANUEL.- (Mieltxo zertan ari den ikusita.) Ez! MIELTXO.- Zed? MANUEL.- Ur hori kutsatuta zagok. Ez duk ikusten? Ez duk usaintzen? Ezin duk edan. MIELTXO.- Ez nauk tontoa, kontudatu nauk, nazkagadia duk. Puf! KONTALARIA.- Manueli bat-batean haizea faltako zaio, bien artean helduko dute asma atakea baitu. Paperezko poltsa batean arnas egin ondoren hobeto sentituko da, baina kristoren sustoa eman die besteei. MALEN.- Ongi al hago? MANUEL.- (Maleni.) Baietz uste dinat, Malen. Usain nazkagarri honekin ezin ninan apenas arnasarik egin. (Biei.) Eskerrik asko. MALEN.- Ez da ezer. MIELTXO.- Hau sustoa eman diguana, Manuel. KONTALARIA.- Miel eta Manuel txantxetan hasiko dira borrokan, badirudi hobe sentitzen dela Manuel. Malenek bitartean ingurua begiratuko du, harridura eta nazka aurpegiaz. MALEN.- Baina, zer da hau? Ur gardeneko aintzira bat izango zuan garai batean eta orain dena petrolioz gainezka zagok. MANUEL.- (Jolasteari utziz.) Ziur izurritea hemendik pasa dela. MICHAEL.- Bai eta ez! HIRURAK.- E? Nor zara zu? KONTALARIA.- Hara! Aintziraren ertzetik Michael agertu da. Hau ezustekoa hartu dutena denek. Michael ikertzaile ingelesa da, bere bata zuri ingelesarekin eta bere mikroskopio ingelesarekin. Munduko ikertzaileen artean ospe handienetakoa duen ikertzaile ingelesa da. Baina berak aurkeztuko du bere burua. A, Arkansasen jaio zen. Edo hori ez dago Ingalaterran? MICHAEL.- O, good heavens! Ez nauzue ezagutzen? (Harro.) I´m Michael Mcqueen, ikertzailea naiz. Munduko ikertzaileen artean garrantzitsuenetakoa. MIELTXO.- (Kuriositatez.) Ez al zada gadanzizuena? Lastima. MICHAEL.- (Marmarti bere buruari hitz egingo balio bezala.) Jende guztiak esaten du ez naizela garrantzitsuena. Honaino ere iritsi da Mcdonalds ikerlariaren fama. Shit. MALEN.- (Egoeraz ohartuta.) Barkatu, jauna, ez egin kasurik gure lagunari. Nahiko tontoa da. MIELTXO.- E! MICHAEL.- Ez da ezer gertatzen. Agerian da ume moko ezjakina besterik ez dela. MIELTXO.- E! MALEN.- Ixo! Gero hitz egingo diagu! (Miel bazter batera joango da haserre.) Jauna, lehen esan dugu ur gardeneko aintzira bat izango zela garai batean. MANUEL.- Eta ziur izurritea hemendik pasa dela. MALEN.- Eta zuk bai eta ez esan duzu? MICHAEL.- Egia da: “Bai eta ez” esan dut. Zientifiko bikaina naiz, ezta? MALEN.- Ze esan nahi zenuen horrekin? MICHAEL.- Oso erraza da. Bai, ur gardeneko aintzira bat izan zen hau garai batean. Eta, ez, hemendik ez da izurriterik pasa. MANUEL.- Eta orduan? MIELTXO.- (Bere bazterretik hizketan hasiko da.) Ziur gizon talde bat hemendik paza dela eta bede bidean ainzira zikindu dutela. MALEN.- Mieltxo! MICHAEL.- Oh, amazing! Zuen laguna ez da horren tontoa. Gizonezkoak ziren, bai, soldaduak, hain zuzen ere. Izurritearen bila joaten ziren suntsitzeko, baina bidean dena deuseztatzen ari dira. BESTEAK.- O! MICHAEL.- Ni hemen ari naiz, ea hau garbitzeko moduren bat dagoen. Zaila izango da, hala ere! KONTALARIA.- O, malkotxo bat isuri du, bat bakarrik, tipoa ingelesa da eta! Baina guztiak hunkitzeko moduko malko ingelesa. MICHAEL.- Baina aintzira maite dut... lana utzi dut hau salbatzeko... (Berriz serio jarriz.) ... Eta zuek? Nora zoazte zuek? MALEN.- Euriaren bila goaz, duela urtebete alde egin zuela gure herritik. Ez zenuen ikusiko? MICHAEL.- Oh, my God! Interesgarria benetan! Baina, hemen ere aspaldi ez duela euririk egin. Hori ikertzen hasiko naiz, aintzira garbitzeko beharrezkoa genuke euri pixka bat. Lan handia benetan! MANUEL.- Joan beharra dugu lagunok. MALEN.- Egia da. KONTALARIA.- Aintziratik arraintxo bat salto egiten ikus daiteke. Salto bat! Bi salto! Michael oso modu ingelesean poztu egin da. MICHAEL.- Wow, ikusi duzue hori? Badago esperantzarik. Egunen batean aintzira hau berriz garbi-garbia egongo da. (Bere buruari serio.) Lan handia egiteko oraindik! Come on, come on! MALEN.- Ziur naiz zure laguntzari esker, berehala izango dela. KONTALARIA.- Malenek musu ematen dio eta agurtu ondoren Manuelekin badoa. Ja, lotsagorritu da Michael. MIELTXO.- (Michaeli.) Ez egin kazurik, jendeari. Igual Mcdonals hori zu baino ikerladi gadanzizuagoa izango da. Baina zu perzona hobea zara, ziur naiz. MALENEN AHOTSA.- Mieltxo! MIELTXO.- Joan beharra daukat. Zorte ona aintzirarekin. MALENEN AHOTSA.- MIEL! KONTALARIA.- Mieltxok ere musu emango dio masailean ikerlariari eta korrika alde egingo du. Hau oraindik gorriago jarriko da. MICHAEL.- (Oihu ingelesa botaz.) Zorte ona euriarekin! (Berekiko.) Eta orain lanera. IV KONTALARIA.- Txatarra zabortegi batean gaude, mendi izugarriak sortzen dituzte herdoildutako txapek eta beste hainbat materialek. Txatarren mendiak. Harat eta honat garai batean izandako trasteak daude, jada ezer ez direnak. Gure hiru lagunak agertuko dira elkarrizketa bizian daudela, animatuagoak ikusten zaie. Zer dela eta? MALEN.- (Botila batetik edanez.) Eskerrak janari denda bat aurkitu dugun bidean. MIELTXO.- (Txorizo bokata janez.) Ezkedak, bai! (Janaria ahotik botatzen duela.) Aizu, Malen, ez digun ezan odaindik zedgadik dadaman zoineko izuzi hori. MALEN.- (Ulertu ez duela.) Zer? MIELTXO.- ZOINEKOA! MALEN.- A, hau! Ez dik garrantzirik. MANUEL.- Nola ez din izango, ba? Gorroto ditun soinekoak, hala ere, soineko hori aspaldi ez dunala kendu. Arrazoiren bat egongo din horretarako. MALEN.- Ezetz ba! Gainera, kontatzen saiatzen naizen bakoitzean zeozer gertatzen duk eta ez didazue kasurik egiten. MANUEL.- Oraingoan ez dun hori gertatuko. MALEN.- Ezetz. MANUEL.- Ez izan burugogorra, Malen. MIELTXO.- Hodi, ez izan budugogoda. MIELTXO eta MANUEL.- Mesedez... MALEN.- Ados, konbentzitu nauzue. Egia duk, soinekoak gorroto ditiat nik eta ez ditiat inoiz janzten. Horregatik soineko hau janzteko arrazoi bakarra... KONTALARIA.- Fiu! Une horretan, txatarra pila eskuetan duen haur bat ziztu bizian pasako da haien aurretik, berriz desagertzeko ondoren, guztiak harri eta zur utziz. MALEN.- Ze izan da hori? MANUEL.- (Maleni.) Nik esango niken haur bat zela. MIELTXO.- Bai, haur bat. KONTALARIA.- Hor doa berriz haurra ziztu bizian haien aurretik pasatuz, ondoren desagertzeko. Oraingoan eskuak hutsik zeramatzan eta hobe ikusi ahal izan dugu nolakoa den. Mutiko beltzarana da eta nahiko zikina dago, bere arropa zarpailek adabakiak dituzte leku guztietatik. Oinutsik doa, oso arriskutsua txatarra artean ibiltzeko, baina bera ohituta dagoela dirudi. A, bere izena Milú omen da. MALEN.- Ze izan da hori? MANUEL.- (Maleni.) Nik ziurtatuko niken haur bat zela. MIELTXO.- Bai, hauda, bai. KONTALARIA.- Hirugarren aldiz haurra agertu da txatarraz beterik dituela eskuak, baina oraingoan Malenek geldiaraziko du. MALEN.- GELDI! MILÚ.- (Sustoaz txatarra guztia lurrera erortzen zaiola.) A! Zertan habil marizikin? Orain dena jaso beharko dinat eta oso berandu dun. Zer ordu da? (Guztiek sorbaldak jasoko dituzte, ez dakitela adierazteko.) Oso berandu, kendu nire bide paretik, hontza-aurpegi hori apurtzea ez badun nahi, behintzat!. (Lurrean geratzen zaizkion txatarra zatiak jasotzen jarraituko du.) MALEN.- (Atsegina izan nahian, eskua luzatuz.) Malen nauk. MIELTXO.- Eda ni Mieltxo! MANUEL.- Manuel. MILÚ.- (Txatarra lurrean utzi gabe gure lagunak begiratuko ditu mesfidati.) Eta? Ze nahi duzue, babo koadrila? (Maleni.) Txatarra hau nirea dun, aitu? (Besteei.) Nik neuk jaso diat, beraz, nirea duk. (Guztiei.) Zoazte zeuena bilatzera, aitu? KONTALARIA.- Bere lanean jarraituko du Milúk. Gure lagunek ingurura begiratuko dute, txatarra mendiak eta mendiak bakarrik ikusiko dituzte. MALEN.- (Milúri.) Dena txatarraz gainezka zagok, txatarra leku guztietatik. MILÚ.- (Berriz ere begiratzen dituela.) Eta? MANUEL.- Ba, txatarra nahi izango bagenu, edonondik har dezakegula. MILÚ.- Ja! Hori uste duzue zuek! (Manueli.) Txatarra guztiak ez dik balio bera, ez duk gauza bera metraileta baten txatarra edo tanke batena. (Maleni.) Ez dun gauza bera kasko baten txatarra edota urpekari batena. Gainera, bakoitzak bere eremua din. (Manueli.) Ezin duk edozein lekutako txatarra hartu, aitu? (Bere buruari lanean jarraituz.) Ze gauzak entzun behar diren! MIELTXO.- (Oraindik bokata zatiak ahoan dituela.) Ez gaituk txatada bila etodi, kontxo. MILÚ.- (Mesfidati begiratzen du ezer ulertu ez duela.) Ze diok ipurdigizen? MIELTXO.- E! MANUEL.- Kasurik ez... MILÚ.- (Txorizo bokata ikusten duela.) Aizak, potxolo, ez duk zatitxo bat izango? MIELTXO.- Bokata? Bai, bezte bat diat poltsikoan. (Bokata poltsikotik atera behar duenean, Malenek geldiaraziko du.) Ai, lazai Malen, duen mingain horrekin ez zionat ezer oparituko. MILÚ.- Eskulaburra. MALEN.- Bakarrik emango dik... esandako hitz itsusiengatik barkamena eskatzen baduk eta... MILÚ.- Bai, zera! (Gosea denez, gogoz kontra.) Ondo da, barkatu... eta ze gehio? MALEN.- Gurekin tarte batean hitz egiten baduk. MILÚ.- (Maleni.) Ez dinat astirik, oso berandu dun. Hau guztia eraman behar dinat. MALEN.- Ba orduan ez duk bokatarik izango. MILÚ.- (Mesfidati.) Ados. Baina txatarra hau nirea dun. (Txatarra lurrean poliki utziko du.) MIELTXO.- Jo, Malen, paza egin haiz. MANUEL.- Bai, Malen. MALEN.- Ni pasa? Baina, entzun duzue bera? (Purrustaka.) Arrazoia duzue. (Mieli bokata hartuz eta Milúri eskainiz.) Mutiko tori bokata eta barkatu esandakoa. (Mutikoak bokata hartuko du eta inoiz jan izan ez balu bezala jaten hasiko da.) Gose hintzen, bai. MIELTXO.- (Barrezka.) Ni baino gehiago! KONTALARIA.- Mutikoak berehala bukatu du bokata eta berriz txatarra jasotzen hasiko da. MALEN.- E, aizak, tratu bat egin diagu. MILÚ.- Eta? MALEN.- Nola, eta? Gure izenak esan dizkiagu. Zein da hirea? (Ez duela erantzuten ikusita.) Ez diagu hire txatarra nahi, ez gaituk txatarra bila etorri. MILÚ.- Ez zarete txatarraren poliziak izango? BESTEAK.- Txatarraren poliziak? MALEN.- Polizia itxura al dugu? KONTALARIA.- Milúk gure lagunak goitik behera begiratuko ditu eta algaraka hasiko da. MANUEL.- Argi zagok ez dugula txatarraren poliziaren antzik, ezta? MILÚ.- (Pixkanaka barre egiteari uzten diola. Manueli.) Ez. Milú nauk eta hemen lan egiten diat txatarra biltzen. Familia osoa mantentzen diagu nire anaia txikia eta biok. MANUEL.- Eta txatarraren polizia zer da? MILÚ.- Izurritea suntsitzera zihoazen gizon batzuek utzi zuten txatarra gure lurretan abandonatuak. Guk saldu nahi diagu, hemen botata zagok bestela. Baina txatarraren poliziak atxilotzen gaitik eta kartzelara eraman. Horregatik diat horrenbeste prisa, ez harrapatzeko. (Berriro mesfidati guztiei.) Eta zuek? Zer egiten duzue hemen? MIELTXO.- Eudiaden bila goaz! MILÚ.- Ez diot zuen lagunari ezer ulertzen. MALEN.- Ez naik harritzen. MANUEL.- Geure herrian duela urtebete ez duela euririk egin. Euriaren bila goazak. MALEN.- Baina bakarrik miseria aurkitzen diagu leku guztietatik. MILÚ.- Alferrik zabiltzate, hemen ez dago euririk! Hobe duzue etxera bueltatzea. (Txatarra guztia jasoz.) Orain banoa. Oso berandu da. Agur. (Atera aurretik begiratzen die.) Beste bokatarik al duzue? (Mieltxori.) Nire anaiak ez dik ezer jan. MIELTXO.- (Janariz betetako bere motxila Milúren sorbaldan jarriz.) Todi. MILÚ.- (Mieltxori.) Ez diat limosnarik onartzen. Ez diat nahi. MIELTXO.- Ez duk limosna. Pentsa lagun batzuen oparia dela. MILÚ.- (Segundo batez pentsakor.) Eskerrik asko. Inork ez ziguk sekula ezer oparitu. Eta barkatu, lehen esandako guztiak. Ezin haiz inortaz fio hemen. KONTALARIA.- Fiu! Milúk sartu bezala alde egin du, azkar batean, guztiak pentsakor utziz. MANUEL.- Malen, mutiko horrek arrazoia din. Denbora gehiegi zaramanagu etxetik kanpo, hire ama arduratzen hasiko zunan eta errua Merriman andreari botako zion. Ez dun hori nahi, ezta? MALEN.- Ez, ez. Baina... etxera bueltatzea euririk gabe, porrot egin dugula onartzea izango lukek. Gainera euria behar diagu herrian. MIELTXO.- Podot ez, Malen, saiatu gaitun, ez dinagu audkitu, baina saiatu gaitun. Hori dun gadanzizuena. Uzte dinat azkenean euria topatzea lorduko dugula, nola edo hala. Ikuzten dun leku askotan behar dutela euria, ez guk bakadik. MANUEL.- (Maleni.) Ez niken oso ozen esan nahi, baina gure Mieltxo gero eta helduagoa bihurtzen ari dela uste dinat. MALEN.- Egia duk. MIELTXO.- E, polzikoan zokolatina bat gerazzen zait! Nork nahi du nirekin partekatu? MANUEL.- Edo agian ez. MALEN.- Manuel, Mieltxo... etxera bueltatuko gaituk eta jende guztiari ikusi dugun guztia kontatuko zieagu. Ziur guztion artean euriaren bila hasten bagaituk, azkenean topatuko dugula. Zerbaitetarako balio beharko dik bidaia honek guztiak. MANUEL.- Ziur al hago, Malen? MALEN.- Bai, ziur nauk. MANUEL.- Goazen ba! MIELTXO.- Goazen! V KONTALARIA.- Beno, hemen gaude berriro, heldu gara azkenean. Hasieran ikusi dugun etxe zahar bereko atarian gaude, lagunak neka-neka eginda daude. Etsipen apur bat ere ikus daiteke haien aurpegietan. MALEN.- Heldu gaituk. MANUEL.- Bai. MIELTXO.- Bai. MIKAELAREN AHOTSA.- Madeleine! Madeleine! Ai, oi, ai! MALEN.- Ai, ai, ai. MIELTXO.- Oi, oi, oi. MANUEL.- Ui, ui, ui. Mikaela, hau ahots gozoa. KONTALARIA.- Nola suertatzen diren gauzak! Etxeko atetik Merriman andrea agertuko da. Estropezu egingo du bidean eta eskuetan zeraman tarta buru gainean izango du tente. MALEN.- (Barrezka.) Txano polita, Merriman andrea. MIKAELA.- Madeleine! Zure amak kristoren disgustua du! Ohetik ezin jaiki dabil! Eta nik... KONTALARIA.- Ai, ene, Maleni hurbiltzen zaio eta zaplaztekoa eman behar diola ematen du... baina ez, besarkada indartsua eman dio... MIKAELA.- Eta neuk ere kristoren disgustua nuen! Ez berriz horrelakorik errepikatu, badakizu andereño batek... (Maialenen aurpegia ikusita.) Ez, ez dut berriz esango, Malentxo maitea! Jakin daiteke non sartu zareten? MIELTXO.- Oso istorio luzea da. MALEN.- Mieltxo! MIELTXO.- Ze egin dut oraingoan? MALEN.- Normal hitz egiten ari zarela. MIELTXO.- Egia! MIKAELA.- Beno, Malentxo. Zure ama abisatzera noa, ziur osatuko dela berriarekin. MALEN.- Zurekin joango naiz. MIKAELA.- Ez, sorpresa bat dut zuretzat. MALEN.- Sorpresa? MIKAELA.- Bai, gustatuko zaizun sorpresa. Hemen gera zaitez itxaroten, nik sorpresa hori ospatzeko tarta prestatu dut, baina... (Burua seinalatuz.) MANUEL.- (Ahots gozoaz eta barre tontoaz.) Tarta gozo-gozoak egiten dakizkit, nahi baduzu... bion artean egingo dugu... Mikaelatxo. MIKAELA.- (Ahots gozoaz eta barre tontoaz.) O, Manueltxo, jakina! Eta zure gabardina erakutsi behar dizut, polit polita geratu da... MANUEL.- Ziur zu bezain polita ez dela geratu. O! KONTALARIA.- Biak elkarri eskutik helduta etxera sartuko dira, zein polita! MIELTXO.- TARTA, TARTA, TARTA! Ze, Malen ez hator? MALEN.- Hemen geratu behar diat, sorpresa bat omen diat. MIELTXO.- Ba, orain arte. TARTA, TARTA, TARTA! MALEN.- Miel, primeran ulertzen zaik orain! MIELTXO.- Egia dun. ONGI! MALEN.- Hala ere, niri hire lehengo ahotsa gustatzen zitzaidaan. MIELTXO.- Nahi badun berriz errepikatu egin zezakenat. Nahi badun bediz edepikadu egin zezakenad. MALEN.- (Irribarretsu.) Ez duk beharrezkoa. MIELTXO.- Orain arte, ba! TARTA, TARTA, TARTA! KONTALARIA.- Mieltxo etxera sartuko da alai. Baina, Malen ez, hasierako eskaileratan eseriko da itxarotera, lehen utzitako palmondoaren hostoa hartuz eta astinduz haize pixka bat lortzeko asmoz. Sargori dago, bai! Hara! Atzeko atetik itzal bat ikusiko dugu, hasieran ez dago oso argi zer den, baina begiratu ongi, pixkanaka-pixkanaka soldadu baten itxura hartuko diogu. Soldadu hori makuluekin dabil, izan ere... ai ene, hanka bat falta zaio! Malen makuluen hotsa egurraren kontra entzungo du eta burua jiratu, soldadua ikusi duenean, salto batez hurbilduko zaio. MALEN.- (Oihuka.) Aita! (Besarkatuko du.) Baina zer duzu? Zer dira makulu horiek? AITA.- Malentxo, hemendik aurrera makiltxo hauekin ibiliko naiz. MALEN.- (Harrituta.) Hanka bat falta zaizu! AITA.- (Umorez.) Benetan? (Barrezka.) Konturatu naizela uste dut. MALEN.- Izurritea izan zen, ezta? AITA.- (Hasperen eginez.) Ez, maitea. Ez zegoen izurriterik, denok engainatu gintuzten. Gerra zen eta kito. Gizon batzuk beste batzuen kontra, baina denak galtzaile atera ginen. Horrelakoak dira gerrak. MALEN.- Hanka galdu duzu... AITA.- Beste batzuk ez dira etxera bueltatuko, maitea. KONTALARIA.- Biak isilik geratzen dira. AITA.- Beno, eta zuek, nora joan zarete zu eta zure lagunok? Ama arduratuta zegoen. MALEN.- Oso istorio luzea da, euriaren bila joan gara... baina ez dugu topatu. AITA.- Euriaren bila! Ze gauzak dituzu Malentxo. (Musu ematen dio.) Eta soineko hori? Zergatik daramazu soineko hori? Beti gorrotatu dituzu soinekoak eta... MALEN.- Bai, baina... ez zara gogoratzen? Zuk oparitu zenidan joan aurretik, duela urtebete... AITA.- Egia da maitea, a ze burutazioak nireak, baina nahiko zaharra eta urratua dago... MALEN.- Ez dut apenas erantzi alde egin zenuenetik, garbitzeko bakarrik... direnak eta ez direnak entzun behar izan dizkiot Merriman andreari. (Negar malkoa agertzen da bere begietan.) Baina zure azken oparia zenez... AITA.- (Besarkatzen du.) Ai, maitea. Bueno, bueno, bueno. Oraintxe bertan dutxa hartu, zure praka eta kamiseta polit horietako bat jantziko dituzu, eta soineko itsusi hau zakarrontzira botako dugu. Ados? (Malenek buruaz baietz esango du.) Eta amarekin hitz egitera joango gara, disgustuak besterik ez dizkiogu ematen eta. Eta gero... MALEN.- Eta gero, zer? AITA.- TARTA, TARTA, TARTA! MALEN.- Bai. TARTA, TARTA, TARTA! KONTALARIA.- O, zein polita. Elkarri besarkatu diote eta etxera sartzera doaz, une horretan zerua pixkanaka-pixkanaka beltz jartzen hasi da. Ilun benetan! MALEN.- Aita! AITA.- Ze maitea? MALEN.- Euria da aita! Euria! (Malen euripean jolasten hasiko da, bere ile guztia eta soinekoa bustiz.) Euria, aita, euria aurkitu dugu! Esperantza dago, aita! AITA.- Esperantza, maitea? MALEN.- Mundu hobea lortuko dugun esperantza. AITA.- Bai, maitea, badago. Goazen barrura, besteok zain ditugu-eta. (Malenek aita laguntzen du etxera sartzen.) Eskerrik asko, maitea. MALEN.- Aita... AITA.- Zerr maitea? MALEN.- Makuluentzat euritakoa fabrikatuko dizut. AITA.- Ai, Malentxo, zein gauzak dituzun. KONTALARIA.- Begira, ate barruan desagertu dira. Eta ahots hori? Ekaitzarekin batera Malenen ahotsa entzungo dugu hasieran bezala. MALEN.- Ekaitzarekin batera aita etxera bueltatu zen. Ekaitzarekin batera ama sendatu eta ohetik jaiki zen. Ekaitzarekin batera esperantza existitzen dela ikasi nuen, mundu berri eta eder baten esperantza. KONTALARIA.- Eta hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila, herri guztietako plazetan.
AURKIBIDEA MAUKI SALOMON UHARTE-MULTZO IZUGARRIA NAHITAEZKO GIZON ZURIA BALEAREN HORTZA MAUKI Ehun eta hamar libera pisatzen zituen. Ile kizkurra eta azal beltza zuen. Baina beltz berezia zen. Ez urdinska, ez gorrixka, aran kolorekoa baizik. Mauki zeritzan eta buruzagi baten semea zen. Hiru “tanbo” zituen, hiru debeku esan nahi duen Polinesiako tabu hitzaren antzeko melanesiar hitza da hau. Maukiren hiru tanboak hauek ziren: lehenik, ezin zuen emakume eskurik ukitu eta ez zezakeen utz emakumeek ere ukitzen, ez bera eta ez bere edozein gauzarik. Bigarren, ez zezakeen txirlarik jan, ez eta hauetan prestatu eta sutan beroturiko beste edozein janari ere. Hirugarren, ez zezakeen kokodrilorik ehizatu ez eta animalia hauen zatiren bat, ttipiena izan arren, hortz bat ere, zeraman txalupatan ibili. Hortzek beste beltz kolore bat zuten, desberdina, biziagoa edo hobeki, kedarra kolorekoa. Amak, gau batez horrela tindatu zizkion igurtziaren igurtziz Malaitako Port Adams herri atzean zegoen meatze bateko hautsez. Irla hau Salomon irla-multzoko menderakaitzena zen, hain menderakaitza ze, ez salerosleek ez kolonoek, ez baitute lortu oraindik ere han hanka jartzerik. Aspaldiko itsas kuien arrantzale eta sandalo salerosleen garaietatik hasi eta, rifle automatiko eta gasolina motorrez hornituriko beltz-tratulari egun hauetara arte, ehundaka abenturazale zuri hil dira irla horretan, bertakoen aizkora eta lehergailuen poderioz. Horrela Malaita, gaur egun ere, auzoko irletan (zibilizatuagoak hauek) soro lanetarako urteko hogeitahamar dolarretan kontratatzen dituzten langileen bila ibiltzen diren biltzaileentzat lekurik onena da. Irla horietako biztanleak zibilizazioak gehiegi kutsatu ditu soro lanetan ibiltzeko. Maukik belarriak zulatuak zituen, ez leku batean eta bitan bakarrik, dozena pare batetan baizik. Zulo haietako ttipienean, buztinezko pipa bat zeraman. Zulorik handienak, gehiegizkoak ziren bitxi harentzat. Pipa ontzi osoa pasa bait zitekeen haietatik. Belarri bakoitzeko zulorik handienean, lau pulgada diametro zuten egurrezko lau tapoi zeramatzan. Irekitasun horien ingurumariak gutti gora behera hamabi pulgada eta erdikoak ziren. Mauki ez zen oso berezia bere gustuei zagokielarik. Zulo ttipienean, beste zenbait gauzen artean, kaskilo hutsak, iltzeak, kobrezko torlojuak, soka zatiak, kordelezko kable zatiak, hosto berde puskak eta arratsean, freskatzean, laranja gorri koloreko hibisko loreak zeramatzan. Horrela, edonora joanda ere, ez zuen patrika beharrik. Gainera, hauek, debekatuak zituen, bere jantzi guztia zabalean pulgada batzuk zituen perkal zati bat besterik ez baitzen. Buruan, kizkur batetan, laban itxi bat ikusten zitzaion. Bere aberastasunik preziatuena, portzelanazko katilu baten heldulekua, dortoka maskorrez egindako eraztun batean sudurretik zintzilik zeramana zen. Baina hala eta guztiz ere haren aurpegia atsegina zen. Edozein aldetatik begiratuta ere ederra zen, batez ere Melanesiakoa zela jakinik. Akats bat bakarrik zuen: tinkotasuna falta zitzaion. “bigun” xamarra zen, ia umea. Aurpegi tankera ttipia, leuna, kokotz makala eta ezpainak ere berdin. Ez masailezurrak, ez bekokiak eta ez sudurrak, ez zuten indar eta senik adierazten. Begietan bakarrik nabari zitzaion bere nortasuna osatzen zuten, eta gehienean ezarian pasatuaz, hain ugari zituen berezitasunen isladapen bat. Hauek ausardia, sendotasuna, adorea, irudimena eta zuhurtasuna ziren, eta denek batera ekintza zuzen eta logiko baten bidea aurkitzen zutenean, inguruko guztiak txunditurik uzten zituen. Bere aita Port Adams herriskako buruzagia zen. Beraz Mauki, jaiotzez, ur gazitako semea zen. Erdi anfibioa zela esan daiteke. Arrain eta ostraz asko zekien eta harkaitz puruak harentzat liburu irekiak ziren. Kanoei buruz ere ulertzen zuen. Urtebete zuelarik ikasi zuen igerian eta zazpi zituelarik minutu batez arnasarik eutsi eta hogeita hamar oin sakonera arte zuzenean jaisten zen. Baina zazpi urte zituelarik barreneko gizonek, igeri ez dakitenek eta itsasoari beldur diotenek, lapurtu zuten. Arrez gero Maukik itsasoa urrunetik bakarrik ikusi ahal izan zuen, oihan tartetatik edo mendi gailurretatik. Fanfoaren esklabu zen. Malaitako mendi hegaletan zabaldurik zeuden hogeiren bat herrisketako buruzagia zen hau. Mendi hauetatik azaltzen den kea da itsasgizonentzat, barnean biztanleak bizi direla frogatzen duen ezaugarri bakarra. Ez baitira zuriak Malaitan sartzen. Behin ausartu eta urre bila agertu ziren eta han utzi zituzten euren buruak zintzilik, aurpegian betirako keinu bat zutela, keturiko ahuntzaren bezala, barreneko gizonen txaboletan. Maukik hamazazpi urte zituela, Fanfoari tabakoa bukatu zitzaion. Egoera ezinbestekoa zen. Garai zailak izan ziren haiek bere herritarrentzat. Fanfoak hanka sartze bat egin baitzuen. Suo, goletak hondeatzeko egin behar zituzten joan-etorriak egiteko, oso kai ttipia zen. Adarrak ur sakonetara zintzilik zituzten manglez inguraturik zegoen. Benetako zepo bat zen eta zepo barrura bi zuri sartu ziren ketxe txiki batean. Langile bila zetozen, salerosketarako tabakoa, erosgai eta guzti. Hiru rifle baino gehiago eta munizio pila handi bat zekarten. Suon ez zegoen ur gazitako gizonik, eta handik bakarrik itsasoratu zitezkeen barrenekoak. Ketxeko bi zuriek negozio biribila egin zuten. Hogeita lau orduan hogei langile hartu zituzten. Fanfoa zaharrak ere sinatu zuen. Baina egun hartan bertan kontratatu berriek, burua moztu zieten bi zuriei, eskifaia guztia hil eta itsasontzia erre zuten. Hiru hilabetetan ez zen ez tabakorik ez ezer falta izan barreneko herrixketan. Baina gero urrutitik norbaitzuk granadak botatzen hasi ziren haien mendietara, gudu gizonak etorri ziren eta bertakoek herrixkak utzi eta oihaneko sakontasunean ezkutatu beharra izan zuten. Gero auzoak, tabako eta merkantziak erre, koko eta bananak moztu, taro baratzeak ezabatu eta oilo eta zerriak akabatu zituzten. Fanfoa eskarmentatu zen, eta bitartean tabakorik gabe egon behar izan zuen. Bere kideak zeharo beldurturik zeuden kontratatzaileen itsasontzietara hurbiltzeko. Horregatik Fanfoak, Mauki esklabua jaitsi zezatela eta truka zezatela, tabako piska bat, aizto, aizkora, perkal eta abarrez agindu zuen, berak soro lanaren bidez ordainduko zituela eta. Mauki erabat izuturik zegoen goletara igo zutenean. Zuriak oso ankerrak ziren. Hala izan behar zuten, bestela ez baitziren ausartuko Malaitako itsasertzera hurbiltzen eta hango kaietara sartzen goleta bakoitzean bi bakarrik zirelarik. Are eta gehiago kontuan hartzen badugu haietako bakoitzak hamabost ala hogei beltz zeramatzala eta beste hirurogei ala hirurogeita hamar beltz kontratatuak. Eta horretaz gain, itsasertzeko biztanleen arriskua zegoen, edozein unetan goleta eta bertako eskifaia eraso baitzezaketen. Derrigorrez zuriek izugarriak izan behar zuten. Gainera tresna miragarriak zituzten, sarritan eta sekulako abiadan tiro egiten zituzten rifleak. Haizerik ez zegoenean, itsasontziak ibilarazten zituzten burdin eta latoizko tresna bidez, eta gizonek bezala hitz egin eta farre egiten zuten kutxak ere bai. Eta entzun ere, entzuna zuen, zuri ahaltsu baten aztikeria, nahi zuenean hortzak kendu eta nahi zuenean jarri egiten zituena. Mauki ontzi gelara jaitsi zuten eta bi zurietako bat gainean geratu zen zain, gerrikoan errebolber pare bat zituela. Ontzi-gela barnean zeuden besteak, keinu xelebre eta arrastoak egiten zituen liburu baten aurrean eseririk. Oilo edo zerri bat balitz bezala begiratu zion Maukiri, besazpiak aztertu zizkion eta liburuan zerbait idatzi zuen. Ondoren idazteko erabiltzen zuen zotz hura ekarri zion eta Maukik papera muturrez ukitu zuen orduko, Moonglean Xaboi Konpaniarentzat hiru urtez lan egitera behartua zegoen. Inork ez zion adierazi bere konpromisoa betearazteko gizon zuriaren borondate basatia tartean aurkituko zuenik, ez eta atzetik eta helburu berdinarekin Ingalaterrako gudu itsasontzien boterea aurkitu behar zuenik. Leku ezezagunetako beltz asko zegoen. Gizon zuriaren agindua jarraituz, bere ileetan zeraman luma kendu zioten, ilea erabat moztu eta gerrian perkal hori bizi-biziko ‘laba-laba” bat lotu zioten. Goletan egun asko pasa ondoren eta berak behin ere pentsatuko zuen baino lur eta irla gehiago ikusi ondoren, Georgia Berrian lurreratu ziren, eta basoan kainabera eta jungla mozten nekazari aritu ziren. Orduan ezagutu zuen lehen aldiz “lan” hitzaren esanahia. Fanfoaren esklabo zela ere ez zuen hainbeste lanik egin. Maukiri ez zitzaion lanik gustatzen. Egunsentian jaiki, ongi ilunduta gero oheratu eta egunean bi aldiz jan. Janaria beti berdina zen. Aste osoan patata besterik ez zuten ematen eta hurrengo bi astetan arroza bakarrik. Egunero kokoen mamia azaletik bereizten zuen eta egunero, begiak gaixotu zitzaizkion arte, kopra ketzeko zeuden suak zaindu behar zituen. Gero arbola botatzen jarri zuten. Aizkora ongi erabiltzen zuen, eta horregatik zubi-eraikuntza taldera bidali zuten. Behin bide irekitzeko taldera zigortu zuten. Beste batzuetan, urruneko hondartzetatik kopra ekartzen zuten itsasontzietako eskifaian parte hartzen zuen, edo zuriekin itsasoratzen zen arrantzara. Beste gauza batzuen artean “beche-dener” ingelesera hitz egiten ikasi zuen, eta honek kontramaisua eta beste lagun guztiak ulertzeko balio izan zion, azken hauek milaka dialektotan hitz egiten baitzuten. Zuriei buruz ere gauza batzuk ikasi zituen: beti betetzen zutela emandako hitza. Gizon bati tabakoa eman behar ziotela esaten bazioten, eman egiten zioten. Zerbait txarra egin eta bizkarra berotuko ziotela esaten bazuten, benetan berotuko zioten. Maukik ez zekien zer zen bizkarra berotzea, baina sumatzen zuen ekintza honek hortz hauste eta odolarekin zerikusi handia zuela. Beste gauza bat ere ikasi zuen ongi: zuriek ez zutela debekaturik zegoen zerbait egiten ez zuen inor zigortzen. Mozkortzen zirenean ere, eta maiz mozkortzen ziren, inoiz ez zuten gizon bat joko, legeren bat hautsi ez bazuen behintzat. Maukiri ez zitzaion soro lana gustatzen. Lana gorrotatzen zuen, eta buruzagi baten semea zen. Gainera baziren hamar urte Fanfoak Port Adamsetik eraman zuela, eta etxeaz gogoratzen zen. Bere esklabo garaiak ere atseginez oroitzen zituen. Eta alde egin zuen. Basoan sartu zen, hego aldera jarraituz hondartzara iritsi arte eta han Port Adamsera iristeko txalupa bat lapurtzeko asmoz. Baina sukarrak hartu eta atzeman zuten eta berriro, erdi hilik, ihes egin zuen lekura eraman zuten. Baina laster, berriro ihes egin zuen, oraingoan Malaitako bi gizonen laguntzaz. Itsasertzeraino hogei mila korritu zituzten eta auzo horretan bizi zen irla horretako gizon aske baten txabolan gorde ziren. Baina gau ilunean, herriskako biztanleei beldurrik ez zieten bi gizon zuri iritsi ziren eta hiru iheslariei bizkarrak ondo berotu eta zerriak bezala loturik, txalupara bota zituzten. Gorde zituen gizonari heurei baino hamar aldiz gehiagoko zigorra erori zitzaion, Ile, azal eta hortzak txikituaz, gehiago iheslari bat ezkutatzeko gogorik izan ez zezan. Urtebete osoan lan egin zuen Maukik. Horren ondoren, janari ona eta bizitza atsegina zen etxe batean zerbitzua eman zioten. Dena garbi edukitzeak ahalegin gutti eskatzen zuen eta gizon zuriari eguneko ordurik gehienetan eta gaueko zenbatsutan ere whisky eta garagardoa zerbitzatzeak ere ez zuen askorik eskatzen. Bizitza hura gustatzen zitzaion, baina Port Adams askoz ere gehiago oraindik. Kontratuak zioenez, bi urte geratzen zitzaion, gehiegi, herriminez atsekabeturik dagoenarentzat. Denbora pasatzen zihoan eran, eskarmentu handiagoa zuen eta bestalde, orain etxe batean lan egiten zuenez, ihes egiteko egokitasun handiagoak zituen. Rifleak garbitzeko ardura zuen, eta gordailuko giltza non egoten zen bazekien. Ihesaldia antolatu zuen eta gau batez Malaitako hamar gizon eta San Kristobalgo batek, isiltasunik handienean, barrakoietatik irten eta txalupa bat hondartzaraino eraman zuten. Maukik eman zien txalupako giltzarrapoen giltza eta dozena bat Winchester, munizio pila bat, dinamita kutxa bat, detonagailuak eta metxak, eta hamar kutxa tabako ere bai. Ipar-sartaldeko montzoiaren haize bolada zen. Gau guztian hegoalderantz joan ziren, egunez urruneko irla hutsetan ezkutatuaz edo txalupa landare artera sartuaz irla handien inguruetatik igarotzen zirenean. Horrela Guadalkanalera iritsi ziren, itsasertza inguratu eta Floridarantz joateko. Ezinbesteko itsasertzak gurutzatu zituzten. Irla hura izan zen, bertakoek San Kristobalgo gizona erahil zutena eta bere gorputza, burua ez beste dena prestatu eta jan zuten lekua. Malaitako itsasertza hogei milatara zegoen, baina azken gaueko korronteek eta haize boladek ez zieten bertara iristen utzi. Egunsentiak beren helburutik mila gutxitara harrapatu zituen. Baina egun argiarekin batera, itsasontzi bat inguratu zitzaien, eta hamabi rifle zituzten hamaika gizon beltzi beldurrik ez zieten bi zuri zetozen bertan. Mauki eta bere lagunak Tulagira eraman zituzten, buruzagi zuri nagusia bizi zen lekura. Epaiketa bat izan zuten eta ondoren iheslariak banan-banan lotu eta bakoitza hogei makilakadaz zigortu zuten. Hamabost dolarreko isun bat ordaintzera zigortu eta, bizkarreko ederrak hartu ondoren, Georgia Berrira bidalirik, lanean jarri zituzten. Maukik ez zuen gehiago etxe batean lanik egin. Bide irekitzen jarri zuten. Hamabost dolarreko isuna, kontratatu zuten zuriek ordaindu zuten, beraz berak lan eginez ordaindu behar zien, eta honek kontratua sei hilabetez gehiagotzen zela esan nahi zuen. Bestalde lapurturiko tabakoak hamabi hilabete gehiago luzatzen zuen kontratua. Port Adams orain hiru urte eta erdira geratzen zen. Horregatik gau batez txalupa bat lapurtu, Manning itsasarteko irletan ezkutatu, iraganbidea pasatu eta Isabel sortaldeko itsasertza inguraturik, ia hirutatik bi eginik zuela, Merenge aintziran harrapatu zuten zuriek. Handik aste betera ihes egin zuen berriro eta oihanean sartu zen. Bertakoak ur gazitako gizonak ziren, denak kristauak. Zuriek Mauki harrapatzeagatik, bostehun tabako zotz eskaini zituzten, eta kanoa bat lapurtzeko asmotan hondartzarantz jaisten zen bakoitzean, beti norbaitek jarraitzen zuen. Lau hilabete iragan ziren horrela, zurien eskaintza mila zotzetaraino igo zen arte, eta Mauki harrapatua izan zen eta Georgia Berrira itzulia, eta bide irekitze taldera eramana gainera. Mila tabako zotzek berrogeita hamar dolar balio zuten eta Maukik ordaindu behar zuen, beraz hogei hilabete gehiago lanerako. Port Adams bost urtetara gelditzen zen. Orain inoiz baino herrimin handiagoa sentitzen zuen eta ezin zuen burua asentatu, ongi portatu eta ez zuen bost urtetan zintzo jarraitzerik pentsatzen. Hurrengo ekinaldian, ihes egitera zihoan une berean harrapatu zuten. Moonglean Xaboi Konpainiako irla horretako arduradun zen Habeby jauna informatu zuten, eta honek zuzen ezina zela adierazi zuen. Konpainiak Santa Kruz irletan eta itsasotik ehunka milatara soroak zituen, eta hura zen Salomon irletako domagaitz guztiak joaten ziren lekua. Eta hara bidali zuten Mauki, nahiz eta inoiz ez iritsi. Itsasontzia Santa Anan geratu zen, eta gauez Mauki igerian lurreratu zen, bi rifle eta tabako kutxa bat lapurtu eta kanoa batean San Kristobalera alde egin zuen. Malaita iparraldera geratzen zen, berrogeita hamar edo hirurogei milatara baina, ibilaldiaren erdian, haize erauntsi batek berriro Santa Anara bidali zuen eta berak lapurreta egin zion salerosleak katez lotu, eta Santa Kruz itsasontzia itzuli arte gatibu eduki zuen. Salerosleak bi rifleak berreskuratu zituen baina tabakoak beste hamabi hilabete gehiagoko lana esan nahi zuen. Orain, sei urte zor zizkion Konpainiari. Georgia Berrira itzultzerakoan, itsasontzia Marau itsasartean geratu zen, Guadalkanaleko hego-sortaldean. Maukik irlaraino eskuak esposaturik zituela igeri egin zuen eta oihanean ezkutatu. Itsasontziak bere bidea jarraitu zuen, baina Moongleaneko arduradunak mila tabako zotz eskaini zituen eta barreneko biztanleek Mauki harrapatu zuten eta horrela urtebete eta zortzi hilabete gehiagoko kontratura behartu zuten. Berriro ere, eta itsasontzira iritsi baino lehen, ihes egitea lortu zuen, oraingoan txalupa bat eta salerosleari lapurturiko tabako kutxa batez. Baina ipar- sartaldeko haizeek Ugi inguruan huts eginarazi zioten, eta, bertako kristauek tabakoa lapurturik, Moongleaneko arduradunarengana eraman zuten. Lapurturiko tabakoak urtebete gehiagoko lana adierazten zuen, beraz zortzi urte ziren ia zor zituenak. —Lord Howera bidaliko dugu —esan zuen Habebyk—.Han dago Bunster, eta ea elkar ulertzen diren. Edo Bunsterrek akabatzen du Mauki edo Maukik akabatzen du Bunster. Edozein eratara ere, irabazian irtengo gara. Isabel irlan dagoen Merenge aintziratik irtenik eta ipar magnetikorantz itsasoraturik, ehun eta berrogeita hamar mila ondoren, Lord Howeko koraldun hondartzak ikusten dira, ehun eta berrogeita hamar mila zirkunferentzian eta zabalerarik handieneko unean ehunka yarda batzuetako lur tinkoa duen atoloi bat dago. Bere gailurrik handienak, gehienez ere itsas-mailatik hamar oinetara daude. Hondarrezko zirkunferentzia barnean, koralezko irlatxoz zipriztinduriko aintzira handi bat dago. Lord Howe ez da Salomonetako irla-multzokoa. Salomon irla-multzokoak hizkuntzaz melanesiarrak diren bitartean, Lord Howe atoloi bat da, eta bere biztanle eta hizkuntza polinesiarrak dira. Biztanleak, Polinesiatik sartalderantz gaur egun ere jarraitzen duen emigrazio mugimenduari esker etorritakoak dira. Bertakoak kanoetan hego-sortaldeko haizeek bultzaturik iristen dira itsasertz horretara. Ipar-sartaldeko montzoiaren garaian, melanesiar biztanleek ere badute harantzako joera. Inork ez du inoiz Lord Howe edo Ontong-Jaba, honela ere deitzen baita, bisitatzen. Thomas Kook Sonek ez du munduko zoko hartarako txartelik saltzen, eta turisten burutik ere ez da pasatzen. Misiolari zuri batek ere ez du hura hankaz zapaldu. Bere bost mila biztanleak baketsu bezain antzinakoak dira. Eta hala ere, beti ez zen horrela izan. Sailing Directions-en esaten denez, saltzaile eta erasotzaile hutsak dira baina haiek ez dakite, munduko zoko urrun hartakoen bihotzetan egin zen aldaketaren berri, duela urte batzuk itsasontzi bat harrapatu eta bertako bat ez beste eskifai osoa hil zutelako. Bizirik irten zena, bere lagunei hango berri eman eta, Lord Howera itzuli zen beste hiru itsasontzitako kapitainekin. Hiru itsasontzietako eskifaiak aintzira barnera sarturik, zurien ebanjelioa aldarrikatu zuten, alegia, zuri batek bakarrik hil dezakela beste zuri bat, eta menpeko arrazak alde batera geratu behar dutela. Aintzira goitik behera iragan zuten dena hondatu eta deseginez. Hondarrezko zirkulu estu hartan ez zegoen ihes egiteko biderik, ez eta ezkutatzeko oihanik ere. Bertakoak ikusi orduko erasotzen zituzten zuriek, eta okerrena zera zen: haien aurretik ez zegoela alde egiterik. Herrixkei su eman, txalupak desegin, oilo eta zerriak hil eta kokoteroak moztu zituzten. Horrela hilabete osoan ibili ondoren itsasoratu ziren. Baina gizon zuriarenganako beldurra betirako itsatsirik geratu zen, eta handik aurrera ez zuten izan kalte egiteko adorerik. Lord Howen zegoen zuri bakarra Max Bunster zen, Mooglean Xaboi Konpainiako langilea. Atoloi hartara bidal zezaketen lekurik urrunena zelako bidali zuten. Eta behin betirako bertatik kendu ez bazuten, bere ordezko gizon bat aurkitzea zaila zelako zen. Alemaniar sendokote bat zen, eta bazuen buruan halakoxe ero partea. Erdi zoraturik zegoela esatea, gutxiegi esatea zen. Harroa, saldua eta irla bertako edonor baino mila bider basatiagoa. Beldurtien basakeriaz baliatzen zen. Hasieran Konpainiak Sabora destinatu zuen; kolono tisiko bat ordezkatzeko bidali zutenean, Bunsterrek ukabilkadaz eraso, eta bera eraman zuen itsasontzian bidali zuen egoera horretan. Habeby jaunak haren ordez “Yorkshireko” erraldoi bat aukeratu zuen. Erraldoiak kirten sona zuen eta jatea baino borroka egitea nahiago zuela zioten. Baina Bunsterrek ez zuen borrokarik nahi izan. Hamar egunetan arkume bat bezain otzan ibili zen, baina denbora horren buruan “Yorkshireko” erraldoia sukar eta disenteriak jota hil zorian jarri zen. Bunsterrek orduan eraso zuen lurrera botaz eta, dozena bat aldiz bere gorputz gainera salto eginez, zeharo desegin zuen. Bere biktimak, sendatutakoan, emango zion jipoiaren beldur Gubutura alde egin zuen “kuter” batean, eta han nahiko fama hartu zuen ingeles elbarri gazte bati, bi aldakak bala batez alderik alde zeharkatu zizkiolako. Orduan erabaki zuen Habeby jaunak, Lord Howera, atoloi geldira, bidaltzea. Bunsterrek bere etorrera, botila ginebraz beteriko kaxoi erdi bat hustuaz eta ospakizuna osoa izan zedin, bera destino berrira zeraman arnas larriko agurea astindu zuen. Itsasontzia aldendu zenean, hondartzan bildu zituen “kanaka” guztiak eta bere aurka borrokatzera behartu zituen, menderatzen zuenari tabako kaxoi bat eskainiaz. Hiru kanaka bota zituen, baina laugarrenak menderatu zuen. Berak, tabakoa eman ordez, birikak zulatu zizkion bala batez. Eta horrela hasi zen Lord Howen Bunsterren erreinua. Hiru mila lagun bizi ziren herririk handienean, baina bera igarotzen zenean denak beldurraren beldurrez ezkutatzen ziren. Gizon, andre eta haurrek, denek ihesari ematen zioten. Zakur eta katuak ere ezkutatu egiten ziren, eta erregea bera ere, hamaika aldiz ezkutatu zen lasto pean. Bi lehen ministroak zeharo izuturik zeuden, gizon hark arrazoien ordez ukabilen indarra erabiltzen baitzuen. Eta Lord Howera iritsi zen Mauki zortzi urte eta erditan Bunsterrentzat lan egitera. Ez zegoen atoloitik alde egiteko biderik. Onerako edo txarrerako bi gizonek elkarrekin bizi behar zuten. Bunsterrek berrehun libera pisatzen zuen eta Maukik ehun eta hamar. Bunster basapiztia endekatua zen eta Mauki gizon basati bat. Biak setatsuak ziren, eta bakoitzak bere bideak zituen bere gogoa lortzeko. Maukik ez zekien nolakoa zen bere nagusia. Inork ez zion gaztigatu eta horregatik Bunster beste edozein zuri bezalakoa izango zela pentsatzen zuen, whisky edale ona, ankerra, lege egile, hitzezko gizona eta arrazoirik gabe inor joko ez zuena. Ezagutze horretan Bunsterrek abantaila zuen. Maukiz behar zuen guztia zekien, eta haren jabe izan behar zuela pentsatze hutsean gozatzen zen. Bere sukaldariak, egun haietan beso bat hautsirik eta sorbalda bat irtenik zituela eta, Mauki sukaldean eta etxeko zerbitzuan jarri zuen. Eta Maukik oso azkar ikasi zuen azal zuriko guztiak ez zirela berdinak. Itsasontzitik irten zen egun berean, nagusiak, Tongako Samisee misiolariari oilasko bat erosteko agindu zion. Baina Samisee aintziraz beste aldean zegoen, eta hiru egunetarako alde eginda zegoen. Mauki bere nagusiari adieraztera etorri zen. Igo zituen sarrerako eskailera piko haiek (etxea zutabe gainean eraikia baitzegoen) eta egongelara sartu zen. Salerosleak oilaskoa eskatu zion. Maukik misiolaria kanpoan zela esateko ireki zuen ahoa, baina Bunsterrek ez zuen arrazoirik entzuteko astirik hartu. Ukabilkada batez jo zuen. Kolpeak Maukiren ahoa harrapatu eta airean bota zuen. Ate ertzetik zalapartaka atera, eta galeria, barandaila hautsiaz gurutzatu eta hondarretan lurreratu zen. Haren ezpainak itxuragabeko masa batetan bihurtu ziren eta odolez eta hortz hautsiz beteta. —Horrela ikasiko duzu. Niretzat erantzun txarrek ez dute balio! —oihu egin zion salerosleak, amorruz gorriturik, barandaila hautsitik begiratzen zion bitartean. Maukik ez zuen inoiz horrelako gizonik ezagutu, eta une beretik kontuz ibiltzea eta inoiz ez iraintzea erabaki zuen. Bere eskifaiako gizonak nola zanpatzen zituen ikusi zuen eta nola betetzen zituen girgiluz, nola haietako bat, hiru egunez jan gabe utzi zuen ere bai, arraunean tolet bat hautsi zuelako. Auzoan zebiltzan zurrumurruak bere belarrietara iritsi ziren eta Bunsterrek bere hirugarren emaztea indarkeriaz hartu zuela jakin zuen. Lehenengoa eta bigarrena hilerrian zeuden, hilobi oinetan koral zatiz hornituriko hondar zurietan. Ziotenez senarrak emaniko jipoien ondorioz hil ziren. Hirugarrena, Maukik ikusi ahal izan zuenez, benetan jo eta iraintzen zuen. Ez zegoen gizon zital harekin asmatzeko modurik. Isilik bazegoen, jo egiten zuen eta astakirten bat zela esaten zion. Hitz egiten bazuen, erantzuten ausartzeagatik. Ilun bazegoen, Bunsterrek azpijokoan ari zela salatzen zuen eta jipoi on bat ematen zion aurre-neurri gisa, eta alai eta irribarretsu agertzen bazen, bere jaun eta jabeaz barre egiteagatik zigortzen zuen, eta haga batez txikitzen zuen. Egiazko deabru bat zen Bunster. Hamaika aldiz hilko zuketen bertakoek ere hiru itsasontzietako historia gogoan ez balute. Hala ere, akabatuko zuketen Lord Howen gordetzeko zokoren bat egon izan balitz. Baina egoera hartan, gizon zuri bat hiltzea ezinezkoa zen, errudunak hilko zituzketen eta hain estimatuak zituzten kokoteroak moztu gudariek. Eskifaiako gizonak berak, itsasontzia, itzulaldiren bat egiten zuen lehen aukeran, prest zeuden itotzen uzteko. Baina Bunsterrek, arreta handia izan zuen, eta ez zuen itsasontzirik erabili. Baina Mauki beste leinu bateko zen, eta deabru hura bizi zen artean ihes egiterik ez zegoela ikusirik, hura akabatzea erabaki zuen bere barnean. Baina horretarako ere ez zuen egokierarik ikusten, Bunster beti erne baitzegoen. Gau eta egun beti eskutan zituen errebolberrak. Ez zion uzten inori bere atzetik igarotzen, Maukik hori egiteagatik hartu zituen bizkarrekoak erakutsi zioten bezala. Bunsterrek berriz, bazekien Malaitako gizon lasai irribarretsu eta atsegin hura, atoloiko guztiak batera baino askoz ere arriskutsuagoa zela, eta horregatik pentsatutako tortura guztiak arretaz betetzen saiatu zen. Mauki bitartean, bere erabakiari zegokionez, arduraz ibili zen, zigorrak jasan zituen eta itxoin egin zuen. Ordurarte gizon zuri guztiek errespetatu zituzten bere “tanboak”. Baina Bunster desberdina zen. Astero Maukiri zegokion tabakoa, bi zotz, Bunsterrek bere emazteari ematen zion, haren eskutik hartzeko aginduaz morroiari. Maukik hori ezin zuenez, tabakorik gabe egon behar izaten zuen. Arrazoi beragatik egun askotan jan gabe geratzen zen. Behin batez, bere nagusiak aintzira ertzak gainezka zeuden txirla erraldoi haiez gisatu bat prestatzeko agindu zion. Maukik ez zion obeditu molusku haiek tabu zirelako beretzat. Sei bider ukatu zen, eta sei alditan jo zuen nagusiak zentzurik gabe utzi arte. Bunsterrek bazekien hori egin baino hiltzea ere nahiago zuela, baina haren ezetza matxinada baten ezaugarritzat jo zuen, eta une berean akabatuko zuen beste sukaldari batez trukatu ahal izan balu. Saleroslearen denbora pasa onenetakoa, Mauki ileetatik hartu eta burua hormaren kontra joka ibiltzea zen. Beste batean Mauki oharkabe zegoela, haren haragietan zigarro piztu bat zapaldu zuen. Honi “txertatzea” deitzen zion Bunsterrek eta Mauki oso maiz txertatzen zuen. Egun batez haserrealdia batean, sudurretik zintzilik zeraman katilu kirtena kendu zion, sudur mintza zarratatuaz. —Hori duk muturra! —esan zion, muturrera begira. Marrazo larrua lixapaper bezalakoa da, baina arrainarena latzagoa da oraindik ere. Hegoaldeko itsasoetan, txalupa eta arraunak leuntzeko lima bezala erabiltzen dute. Bunsterrek arrain azalezko mitoi bat egin zuen. Maukirengan probatu zuen lehen aldiaz, pasaldi bakar batez lepotik besazpira arteko azala larrutu zion. Bunster pozak zoraturik geratu zen. Gero emaztearengan frogatu zuen, eta eskifaiako bere gizonengan nahi bezala erabili zuen. Bi lehen ofizialak ere laztandu zituen eta irribarrea egin eta txantxetan hartu behar izan zuten. —Barre egin ezazue madarikatuok! —esaten zien Bunsterrek. Mauki izan zen mitoiaren ondorioak hobekien jakin zituena. Egun bat ere ez zuen igarotzen haren laztanik hartu gabe. Batzuetan larruketa hain handia izanik, minak lo egitea ere galarazten zion. Sarri Bunster adarjolea, ia erdi sendaturik zeukan larrua berriro haragi bizitan jarriaz jostatzen zen. Maukik egonarri ikaragarriz zain jarraitzen zuen, lehentxeago edo geroxeago ordua iritsiko zela bai baitzekien. Eta ordua iritsi zenerako bazekien ongi asko zer egin. Egun batez, Bunster mundu guztiari bizkarrekoak emateko umorez jaiki zen. Maukirekin hasi eta berarekin bukatu zuen, tartean emaztea konorte gabe utziaz eta eskifaiako gizonak ere astinduaz. Gosaltzerakoan kafea ur hutsa zela esanez, irakitan zegoelarik, morroiaren aurpegira bota zuen. Baina, hamarrak aldera edo, hotzikaraz dardarka jarri zen Bunster eta ordu erdi bat geroago sukarretan kiskaltzen ari zen. Sukar hark ez zirudien txantxetako gauza. Laster paludismoaren sukarrak zirela konturatu ziren denak. Egunak joan eta egunak etorri Bunster ahultzen joan zen. Ezin zen ohetik altxa. Mauki zain zegoen eta erne bere larruazala normaltzen ari zen bitartean. Eskifaiako gizonei itsasontzia lehorreratu, garbitu eta konpontzeko agindu zien. Haiek agindua nagusiarengandik zetorrela pentsatzen eta obeditu zuten, baina une hartan Bunster konorterik gabe zegoen, eta ez zen ezer agintzeko gauza. Hura zen Maukik itxaroten zuen egokitasuna, baina hala ere itxaron zuen. Gaitzaldiaren unerik larrienak igaro zirenean eta Bunster bere zentzu guztian, nahiz eta haur bat bezain ahul egonik suspertzen hasi zenean, Maukik bere kinkaileria guztiak, portzelana kirtena barne, bildu eta kutxa batean gorde zituen. Gero herrira joanik, errege eta bi lehen ministroekin hitz egin zuen. —Gizon hori, Bunster, gizon ona, zuei gustatzen? —galdetu zuen. Denek batera ezetz erantzun zioten. Ministroek heurei eginiko ez duintasun eta gehiegikerien letania luze bat errepikatu zioten. Erregea etsi ezinik negarrez hasi zen. Maukik zakarki etenarazi zizkion malkoak: —Zuk zure herria gobernatu nahi. Zuri ez atsegin nagusi zuria. Niri ere ez. Zuk jarri ehun koko, berrehun koko, hirurehun koko kuterrean. Gero zuek lo egin. Kanaka guztiek lo egin. Zuek hots handi bat entzun etxean, eta ez esan entzun hots handia. Zuek lo asko egin. Era berean Maukik eskifaiakoekin hitz egin zuen. Gero Bunsterren emazteari bere sendiarengana itzultzeko agindu zion. Nahi izan ez balu, Maukik arazo handia izango zuen, ez baitzion bere tanboak uzten eskuz ukitzen. Etxea husturik, saleroslea erdi lotan zegoen gelara sartu zen. Errebolberrak kendu, eta eskuan arrain azalezko mitoia hartu zuen. Bunsterrek izan zuen haren lehen berria, sudurreko azala kendu baitzion kolpe batez. —Ongi! Ederki! —barre egin zuen Maukik, laztan haiek Bunsterren kopeta haragia bizitan uzten zutelarik eta masaila urratzen zioten bitartean—. Egin ezak barre, madarikatu horrek! Maukik arduraz egin zuen bere zeregina eta kanakak beren etxeetan gorderik, Bunsterren oihu bizi, garratz eta mingarriak entzun zituzten. Maukik bukatu zuenean, iparrorratza, fusilak eta munizio guztia jaitsi zuen kuterrera, eta gero tabakoz bete zuen. Lan honetan ari zela, itxura gabeko irudi bat haragi bizitan, etxetik irten eta oihuka hondartzarantz korrika abiatu zen, hondarretan bihurrituaz eta, marruka, eguzki kiskalgarritan erori zen arte. Maukik begiratu zion eta zalantzan geratu zen. Azkenik gerturatu eta burua moztu zion, lastail batean bildu eta brankako leihatilan gorde zuen. Kanakek egun luze eta bero hartan hain sakonki lo egin zutenez, ez zuten kuterra itsas zabalera irteten ikusi eta, hego-sortaldeko haizeek eraginik, hego alderantz aldentzen ere. Inork ez zuen itsasontzi hura ibilaldi luze hartan ikusi Isabelgo itsasertzera inguratu zen arte, ez eta handik Malaitarainoko ibilaldi higuingarri hartan ere. Mauki Port Adamsen lurreratu zen inoiz gizon batek eduki ahal dezakeen baino tabako eta rifle gehiagorekin. Baina ez zen han geratu. Gizon zuri bati moztu zion burua, eta oihanak bakarrik eskain ziezaiokeen gordelekua. Horregatik, barreneko herrietara itzuli eta Fanfoa eta beste dozena erdi bat inguru hil zituen, eta ingurumari haietako buruzagi izendatu zuen bere burua. Bere aita hil zenean, Maukiren anaiak gobernatu zuen Port Adams eta, itsasertzeko eta barreneko gizonek bat harturik, Malaitako gudu triburik indartsuena osatu zuten. Maukik Britaniar Gobernuari baino beldur handiagoa zion Moonglean Xaboi Konpainia ahalguztidunari. Egun batez mezu bat iritsi zitzaion, Konpainiari zortzi urte eta erdiko lana zor ziola adieraziaz. Erantzuna baiezkoa izan zen, eta handik gutxira han agertu zen nahitaezko gizon zuria. Goletako kapitain bat zen, Maukiren erregetzaren garaietan oihanean sartu eta bertatik bizirik irten zen zuri bakarra. Eta ez bizirik bakarrik, baizik eta zazpiehun eta berrogeita hamar dolar urretan zituela, zortzi urte eta erdiko lanen ordain, eta beste rifle eta tabako kaxoi batzuk beterik. Maukik ia ez zituen ehun eta hamar libera pisatzen. Bere urdailaren diametroa hirukoiztu da eta lau emazte ditu. Beste anitz gauza ere baditu: rifle eta errebolberrak, portzelanazko katilu baten kirtena, eta bertakoen buru sail galanta. Baina bere bildumako eredurik preziatuena, hondar koloreko ile eta bizar horixkadun buru bat da, ongi lehortu eta ondua, bere “laba-labarik” finenean bildurik gordetzen duena. Bere domeinutik kanpora gudura doan bakoitzean buru hori ateratzen du, eta bakardadean, bere belarrezko jauregian, luzaro eta handikiro begiratzen dio. Horrelako unetan, herrian, hilerrietako isiltasuna sortzen da, eta inor ez da ausartzen hots bakar bat ere egiten. Burua, Malaita guztiko talismanik eragileentzat jotzen da, eta Maukiren handitasuna hari esker dela pentsatzen da. SALOMON UHARTE-MULTZO IZUGARRIA Salomon uharte-multzo menderakaitzena dela esaten denean, ez dut uste gehiegikeria esaten denik. Bestalde, bada leku okerragorik munduan. Baina antzinako izaera eta gizona barru barrutik ezagutzen ez duen batentzat, Salomonak izugarriak gerta daitezke. Egia da, han sukarrak eta disenteria beti zelatan daudela, azaleko gaitz ikaragarriak daudela, airea bera ere pororik txipienetik, ebakidura edo urratuetatik sartu eta ultzera kaltegarriak sortzen dituen pozoi batez beterik dagoela, eta heriotzeari alde egiten dioten gizon sendoenak ere beren sorterrira erdi deseginik itzultzen direla. Egia da baita ere, Salomonetako bizilagunak giza haragijale asegaitz eta basati batzuk direla; joera makurrekoak direla. Beren kirolak berak ere, hain basatiak izanik, gizon bat atzetik harrapatu eta traizioz, aizkoraz jo kaskezurrean eta bizkarrezurra bera bitan zatituta uztera iristen zirela. Egia da, hau ere esan behar da, irla batzuetan, Malaitan adibidez, bertakoaren giza maila eta ospea, egin dituen erailketen araberakoa dela. Buruak, elkarren artean trukatzen dituzte, eta zurienak dira baliotsuenak. Badira dozena bat auzo, ilargiz-ilargi ondasunak pilatzen aritzen direnak, gudari ausart batek gizon zuri baten buru odoltsu eta freskoa aurkeztean, berari saritzat emateko. Guzti hau, zalantzarik gabe, egia da, eta, hala ere, badira zuriak, uharte horretan hogeitaka urte pasa dituztenak eta alde egitean, nolabaiteko herrimina sentitzen dutenak. Salomonetan bizi nahi duenak, zuhurtasuna eta zori ona behar ditu batez ere, baina gauza guztien gainetik, berezko sena behar du. Gizon zuriaren abentura izpiritua inprimatua eraman behar du bere barruan. Nahitaezkoa izan behar du. Zorigaitzari buruz, axolagabekeria noble batez jabeturik egon behar du, berebiziko harrokeriaz. Zuri batek astelehenetik igandera mila beltzek baino gehiago balio duela, eta igandean haietako bi mila berak bakarrik suntsituko lituzkeela arrazakeriaz jabeturik egon behar du. Hori baita beti ezinbestean gizon zuriak egin duena. A! eta beste gauza bat. Nahitaezko izan nahi duen zuriak menpeko arrazak arbuiatu eta, honetaz gainera, ez du irudimen gehiegirik ere ukan behar. Ez ditu gehiegi ulertu behar ez sena, ez ohitura, ez beltz kupretsu horien buru prozesurik, ez baitu arraza zuriak bide hori sekula erabili mundua menperatzeko. Bertie Arkwright ez zen nahitaezko. Sentikorregia, finegia zen eta irudimen gehiegi zuen. Inguruan gertatzen zenak gehiegi hunkitzen zuen eta horregatik, azkenik Salomon irletara joatea pentsatu zuen. Baina inoiz ez zuen han geratzea pentsatu. Bost astetako egonaldi bat, itsasontzi baten etorrera eta hurrengoaren irteera artekoa nahikoa izango zuen, bere izatearen azken izpiraino dardararazten zuen antzinatasun-dei hori asetzeko. Hau esan zien behintzat Makemboko turistei, nahiz eta beste hitz batzuez adierazi. Eta hauek heroi bat bezala gurtu zuten, turistak zirelako hain zuzen, eta ez zutelako ametsetan ere Salomonetatik igarotzean baporearen ontzigainak eskaintzen zuen babesa uzterik pentsatzen. Ontzian, andreak aintzakotzat hartu ez zuten beste pertsonaia bat bazihoan. Gizon txiki bat zen, zimurra eta iharra, azal zimel eta kaoba kolorekoa. Bidaiarien arteko zerrendan zein izenez zetorren ez zaigu gehiegi axola, baina irletan, Malu kapitaina, deitzen zioten eta bertakoek konjuruetarako erabiltzen zuten, eta nahikoa zen bere izena ahoskatzea haur ttipi bihurriak onbidera erakartzeko. Basatiak kolonizatu zituen, eta basaberea bera ere bai, eta itsaskui, sandalo, txirlarri edo perla, karey, tagua, intxaur, kopra, larre, biltegi eta landaketen artean ondasun izugarria lortu zuen. Horretarako bide guztiak erabili eta nozitu zituen: sukarrak, eskasiak, kapatazen zigorrak. Nahitaezkotasun gehiago zegoen Malu kapitainaren behatz txikienean, nahiz hautsia egon une hartan, Bertie Arkwrighten hezurdura guztian baino. Baina turistek itxura bakarrik epaitzen zuten, eta Berti zalantzarik gabe, gizon eder bat zen. Arkwrightek Malu kapitainarekin erretzaileen egongelan hitz egin zuen, eta Salomon irletako bizitza zimel eta odoltsuari aurre emateko bere ideiak azaldu zizkion. Kapitainak haiek asmo handiak zirela aitortu zion eta, batez ere, miresgarriak. Baina ez zen Bertiez benetan interesatu egun batzuk pasa arte, gazte abenturazalea 44 kalibreko pistola automatiko bat erakusten saiatu zen arte. Mekanismoak nola funtzionatzen zuen adierazi zion, eta zortzi kartutxo tanbor bat karga hutsean sartuaz froga bat egin zion. —Oso erraza da —esan zion. Gero maratilaren kirtena tinkatu eta berriro askatu zuen— Horrela kargatu eta kokatua gelditzen da. Gero ez du gatilua abiadurarik handienean zortzi aldiz zapaldu besterik. ikusten al duzu mekanismo hau? Pistola honetan hori da gehiena gustatzen zaidana. Oso segurua da. Ez dago istripu aukerarik —deskargatu egin zuen— Ikusten al duzu zein segurua den? Eta danborra erakusten zion bitartean, pistolaren kanoiak entzulearen urdaila apuntatzen zuen. Malu kapitainaren begi urdinak paregabeki begiratzen zioten. —Axolako al litzaizuke beste norabait apuntatzea? —galdetu zuen. —Ez dago arriskurik —segurtatu zuen Bertiek— Danborra atera diot. Ez dago kargaturik. —Pistolak beti daude kargaturik. —Hau ez. —Nolanahi ere aldera ezazu. Malu kapitainak ahots tinko, gogor eta lehorrez hitz egiten zuen, baina bere begiradak ez zuen pistolaren kanoia utzi beste aldera zuzendu zuen arte. —Bost dolar jokatuko dizut ez dagoela kargatua —proposatu zion Bertiek alai. Besteak ezetz zioen. —Orduan frogatu egingo dizut. Bertiek kainoia bere burura gerturatu zuen gatilua zapaltzeko asmotan. —Une bat —esan zuen Maluk lasaiki, eskua luzatuz— utz iezadazu ikusten. Itsasorantz apuntatu zuen eta gatilua zapaldu. Mekanismoaren klikaren hotsez nahasirik, leherketa handi baten hotsa entzun zen. Kartutxo-azal bat irten zen ontzigainera eroriz. Bertie ahozabalik geratu zen. —Ez dut ulertzen nola gertatu den hori. Ederretik libratu naiz. Irribarrea ahul bat egin eta ontzigaineko hamaka batera erori zen. Zurbil-zurbil geratu zen, betondoetan biribil ilun batzuk azalduaz. Eskuak dardarka zituen eta zigarroa ezpainetara eramaten ez zuen asmatzen. Bizitza asko maite zuen, eta segundo batez, muinak kanpoan zituela ikusi zuen bere burua, ontzigainean ahospez etzanik. —Egia, ez dakit zer esan... —Oso arma polita da —esan zion Malu kapitainak pistola itzuliaz. Gobernaria Sidneytik zetorren Makembon (itsasontziaren izena), eta haren baimenez itsasontzia Ugin lehorreratu zen misiolari bat uzteko. Eta, halabeharrez, kaian Arla itsasontzia zegoen, Hansen kapitainaren agintepean. Malu kapitainak zituen itsasontzietako bat zen hori, eta honek gonbidaturik igo zen Bertie lau egunetan Malaitako itsasertza ezagutzera, ontzia harantz baitzihoan langileak kontratatzera. Arlak gero Kemingeko soroetan utziko zuen (Malu kapitainarena hau ere) astebeterako, gero Tulagira iragateko, gobernariaren egonlekura, gobernariak gonbidatu baitzuen. Malu kapitainak beste bi ohar egin zituen eta horrela gure kontakizunetik alde egiten du. Bat Hansen kapitainari eta bestea Harriwell jaunari, Reminge soroetako arduradunari. Biak gutxi gora behera antzekoak ziren. Arkwright jaunari Salomon irletako bizitza gogor eta odoltsuaren berririk eta ikuskizunik osorena emateko eskatu zien. Egun hartan Malu kapitainak, bisitari hura hainbeste txunditzen zela ikusirik, whisky botilaz betetako kaxak zituenaren zurrumurrua zabaldu zuen. Barre pixkabat egin ondoren uharteetako arriskuak kontatzen jarraitu zuen: —Bai, Swartz beti izan zen oso kaskagogorra. Begira: bere eskifaiako lau, Tulagira eraman zituen ofizialki zigortzeko, eta gero beraiekin txalupan itzuli zen. Kaitik irtetzean ekaitz batek harrapatu zituen. Txalupa pikutara joan zen, eta Swartz izan zen ito zen bakarra. Noski, istripu bat izan zen! —Egiatan? -galdetu zuen Bertiek, elkarrizketan zeharo sartu gabe, lema zeraman beltzari begirik kendu gabe. Ugi urruti gelditu zen, eta Arla udatiar-ontzia basoz beteriko Malaitako mendietarantz zihoan poliki-poliki. Bertieren ardura osoa zuen lemazainak, sudurra zeharkatzen zion hiru pulgadako hiltze bat zeraman. Lepotik zintzilik galtzetako botoi pila bat. Belarri zuloetan lata gailu bat, hortzetako isipu hautsi baten kirtena, buztinezko pipa bat, erloju baten latoizko gurpil bat eta Winchester kartutxo batzuk. Bere bularra, soka batetatik zintzilikatutako portzelanazko plater erdi batek dotoretzen zuen. Ontzigainean, haren antzeko beste berrogeiren bat beltz zeuden, haietako hamabost eskifaiakoak. Beste guztiak langile hartu berriak ziren. —Noski, istripu bat izan zen —esan zuen Jacobs, Arlako kontramaisuak, gizon ttipi, begi beltz eta marinel baino gehiago irakasle zirudienak — John Bedipi antzeko zerbait gertatu zitzaion. Zigortutako gizon batzuekin zetorren txalupa itzulikatu zenean. Baina berak bertakoek bezain ongi zekien igerian, eta hauetako bi ito egin ziren. Noski hau dena ustekabean gertatu zen. —Hemen horrelako istripuak sarritan gertatzen dira —esan zuen kapitainak— Ikusten al duzu lema daraman gizon hori, Arkwright jauna? Gizajale bat da. Duela sei hilabete berak eta eskifaiako besteek Arlako kapitaina ito zuten. Hementxe bertan gertatu zen, bai jauna, txopan, atze hagaren ondo ondoan. —Ontzigaina, egoera izugarrian geratu zen —esan zuen kontramaisuak. —Ongi entzun ote dut...? —erantzun zuen Bertiek. —Bai, ongi entzun eta ulertu duzu —esan zuen Hansen kapitainak— ustekabean ito zen. —Baina, ontzigainean? —Horixe bada, hementxe. Ez zait axola zuri esatea, baina isilpean noski, aizkora batez baliatu ziren. —Eskifaia honek berak? Hansen kapitainak buruz baieztatu zuen. —Lehengo kapitaina oso axolagabea zen —agertu zuen kontramaisuak— Bizkarra eman besterik ez zuen egin, kolpea eman ziotenean. –Ez dugu inongo babesik —esan zuen Hansenek— Gobernuak beti beltzari ematen dio arrazoia. Zuria ezin daiteke tiroka hasi. Bertakoari defendatzeko erosotasun guztiak ematen dizkio, edo bestela erailetzat jo eta Fijira bidaltzen dute. Horregatik gertatzen dira hainbeste ustekabeko itotze. Afaltzeko deia egin zuten eta Bertie eta kapitaina behera jaitsi ziren, kontramaisua ontzi gainean zaintzen utzita. —Ez ezazu bistatik gal Auiki deabru beltz hori —esan zion kapitainak agurtzerakoan— azkeneko egun hauetan daukan itxura ez zait batere gustatzen. —Nire kontu — esan zuen kontramaisuak. Afaria zerbitzatzen hasi ziren, eta kapitaina Scottish Chiefsen gertaturiko triskantzaren historia kontatzen ari zen. —Itsasertz guztiko ontzirik onena zen —zion—. Baina arrezifera iritsi baino lehen, kanoak bere atzetik irten ziren. Ontzian bost gizon zuri eta eskifaia zihoan, Santa Kruz eta Samoako hogei bat gizonez osatua. Bizirik zamazaina bakarrik irten zen. Gainera, orduan kontrataturiko hirurogeiak zeramatzaten. Denek “kai-kai” bukatu zuten. Barkatu, jan egin zituztela esan nahi dut. Eta gogora ezazue James Adwarsen kasua, hain marinel trebe... Baina une hartan ontzi gainetik kontramaisuaren biraoa, eta ondoren oihu basatien koru bat bere belarrietara iritsi zen. Hiru errebolber tiro entzun ziren eta gero murgilaldi baten hotsa. Kamerako eskilarak salto batez igo zituen Hansen kapitainak. Bertie harriturik geratu zen ontzi gainerantz zihoan bitartean errebolberra nolako abiaduraz ateratzen zuen ikusirik. Gero jarraitu egin zuen, zuhurrago, kamerako atetik burua atera edo ez zalantzan. Baina ez zen ezer gertatu. Kontramaisua, errebolberra eskuan zuelarik dardaraz eta sutan zegoen oraindik. Aurrerantz abiatu zen eta, ba patean, mugimendu zakar batez, atzetik arriskuren bat balu bezala, itzuli zen. —Bat kareletik erori da —esan zuen tentsioz beteriko ahots nabari batez— Ez zekien igeri egiten. —Nor zen? —galdetu zuen kapitainak. —Auiki —izan zen erantzuna. —Baina nik tiroak entzun ditut —esan zuen Bertiek hotzikaraz dardarka, guzti hark abentura usaina baitzuen, pasatako abentura bat zorionez. Kontramaisua oihuka jaurtiki zitzaion: —Hori gezur madarikatu bat da! Ez da tiro bat bera ere bota! Beltza bordatik erori da. Hansen kapitainak zuzenki begiratu zion Bertieri, ongi zabalduriko begi beltz eta distiratsuz. —Ba, niri hori iduritu zait... —hasi zen Bertie. —Tiroak? —esan zuen Hansen kapitainak oharkabean— tiroak entzun dituzula esan al duzu? —Entzun al duzu zuk tirorik Jacobs jauna? —Bat ere ez — esan zuen honek. Kapitainak bere gonbidatuari garaile gisa begiratu zion eta esan: —Garbi dago istripu bat izan dela. Jaitsi gaitezen Arkwright jauna eta buka dezagun afaria. Gau hartan kapitainaren gelan lo egin zuen Bertiek, gela nagusiaren ondoan kokaturiko beste txipi batean. Brankako babesean rifle erakusketa batez dotoreturik zegoen. Beste hiru gehiago zeuden literatik zintzilik. Azpian, Bertiek ikusi ahal izan zuenez, munizioz, dinamitaz eta detonagailu kaxaz beteriko kutxa bat zegoen. Beste aldean kokaturiko sofan etzatea erabaki zuen. Mahai gainean eta leku nabarmenean itsasaldien egunkaria zegoen. Ez zekien Malu kapitainak gertakizun honetarako bereziki prestatu zuenik. Horregatik benetan kikildurik irakurri zuen nola irailaren hogeita batean bi ontzi-lagun kareletik erori eta ito ziren. Lerro tartean, istripu batez gainera, azpikeria asko egon zitekeela sumatu zuen. Arla baleontzian, Su-u-n, hiru gizon galdu zituen segada batean erori zela irakurri zuen, kapitaina Fulko sukaldaria itsasertzean eskifaiak erositako giza haragia prestatzen harrapatu zuela, eta dinamitak ustekabean keinuak egiten ari zen marinel bat hil zuela. Gauetako erasoak, kaietatik gau erdian eginiko ihesetik, manglar aintzira barreneko gizonek eta leku zabalagoetan ur gazitako gizonek eginiko erasoen berriak irakurri zituen. Oso maiz disenteriak eraginiko hilketak aipatzen ziren. Asaldaturik konturatu zen, Arla barnean bera bezalako bi gonbidatu hil zirela gaitzak jota. —Adizu ba... —esan zion Bertiek kapitainari hurrengo goizean — itsasaldiko egunkariari gainbegiratu bat bota diot. Kapitainak edonor hain erraz ikusteko eran uzteagatik bere damua agertu zuen. —Eta disenteria hori, ba al dakizu? Gezur hutsa iruditzen zait. Istripuz itotako hainbaten kontu hori bezala — jarraitu zuen Bertiek— Zein izan zen heriotza horien benetako arrazoia? Kapitainak, gonbidatuaren zorroztasuna goraipatuaz, haren susmoen ezezko formala adierazi, baina azkenik airoski amore eman zuen. —Hara! esango dizut Arkwright jauna. Nahiko ospe txarra dute lehendik ere uharte hauek. Egunetik egunera zailagoa zaigu ontzi lagun zuriak kontratatzea. Jo dezagun gizon bat hiltzen dutela. Konpainia, diru pila bat eman beharrean aurkitzen da. Baina hori bai, gizon hori gaixotasunez hiltzen bada, orduan ez dago inongo arazorik. Berriek ez diete beldurrik gaixotasunei. Nahi ez dutena erahilak izatea da. Lanbide hau hartu nuenean, nire aurreko kapitaina disenteriaz hil zela uste nuen. Gero beranduegi zen. Kontratua sinatuta zegoen. —Gainera —erantsi zuen Jacobsek- itotako gehiegi gertatzen ziren. Susmagarria inolaz ere. Errua Gobernuarena da. Zuriak ez du beltzarengandik babesteko egokitasunik. —Hori. Gogora ezazue Princessen bertako kontramaisuari gertatua — esan zuen kapitainak bere historiari hasiera emanez. — Bidaia hartan, Gobernuko agenteaz gainera, bost gizon zuri zihoazen. Kapitaina, agentea eta lemazaina bi txalupatan lurreratu ziren. Bigarrena eta kontramaisua ontzian geratu ziren hamabosten bat marinelekin, denak Tonga eta Samoakoak. Itsasertzetik beltz jendetza handi bat iristen zen. Kontramaisuak, zer gertatzen zen konturatu nahi izan zenerako, bigarrena eta eskifaia guztia lehen erasoan hilak izan ziren. Hiru kartutxera eta bi Winchester hartu eta gurutzetara igo zen. Bizirik irten zen bakarra bera izan zen, kontramaisua, alegia, eta oraindik ez da gaurdaino bere onera bihurtu. Behin eta berriro tiro egin zuen eskua jasan ezineko berotasunera iritsi arte, eta beste fusil bat erabiltzera beharturik egokitu zen. Ontzigaina beltzez beterik zegoen. Dena garbitu zuen. Kareletik salto egiten zuten, eta besteak botatzen zituen; eta kanoetako arraunak hartzen zituzten eran berdin jarraitu zuen. Beltzek uretara salto egin zutenean eta igerian hasi zirenean, amorrazioaren amorrazioz dozenerdi gehiago hil zituen. Eta zer sari eman zioten? —Zazpi urte Fijin — esan zuen kontramaisuak. Gobernariak esan zuena zera izan zen: alegia, behin beltzak uretara salto eginez gero, ez zegoela tiro egiten jarraitu beharrik — adierazi zuen kapitainak. —Horregatik orain disenteriaz hiltzen dira —gehitu zuen kontramaisuak. —Nork esango zukeen! — zioen Bertiek, barrenean txangoaldia lehenbailehen buka zedin irrikatuz. Geroago, egun hartan bertan, gizajale beltz harekin hitz egin zuen. Sumasai zeritzan. Hiru urte Queenslandeko soro batean iragan zituen. Samoa, Fiji eta Sidney ezagutzen zituen, itsaso haietan langileak kontratatzen zebiltzan itsasontzietan. Berritsu bat zen, eta kapitainaren asmoak igarriak zituen. Bai, gizon asko jan zituen. Zenbat? Ez zekien. Bai, zuriak ere bai. Oso haragi ona zuten osasuntsu zeudenean. Behin gaixo bat jan zuen. —Nik egia esan — esan zuen gogoratzean — Ni asko gaixotu hura bezala. Nire urdaila gehiegi higitu. Bertie dardaratu egin zen eta haien buru gordeetaz hitz egiten hasi zen. Bai, Sumasaiak oso ongi lurperaturik zituen, eguzkitan lehortuak eta kez ondurik. Haietako bat itsasontzi bateko kapitainarena zen. Bibote luzeak zituen. Bi libera esterlinetan saltzeko prest zegoen. Beltzen buru bakoitza dolarrean eman zezakeen. Bazituen beltz txikien buru batzuk ere, baina nahiko egoera txarrean eta hamar txelinetan utz ziezaiokeen. Bost minutu geroago, Bertie ontzi gainean azaleko gaitz izugarri bat zeukan beltz baten ondoan egokitu zen. Aldendu eta gero, zer zuen gizon hark galdetu zuenean, legena zela esan zioten... Berehala jaitsi zen gelara eta xaboi desinfektatzaile batez garbitu zuen bere burua. Egunaren buruan sarritan errepikatu zuen zeregin hori, ontziko beltzik gehienak era bateko nahiz besteko ultzera txarrak baitzituzten. “Arla mangle” istinga baten erdian hondoratu zenean, karelean bi ilarako burdinsarea jarri zuten. Gauza larria zen, eta Bertiek bertakoen kanoak hondartzan bata bestearen ondoan, lantzaz, arkuz, geziz eta Snidersez armaturik ikusi zituenean, inoiz baino gehiago desiratu zuen ibilaldi hura bukatzea. Arratsalde hartan ontzira igo zirenek, ilunabarrean ez zuten jaitsi nahi. Haietako batzuk erantzun txarra eman zuten lurrera joateko eskatu zitzaienean. —Ez zaio axola. Nire kontu hori —esan zuen kapitainak gelako eskilaratik ezkutatzen zelarik. Itzuli zenean, hamuan loturiko dinamitazko kartutxo bat erakutsi zion Bertieri, paperetan bilduriko klorodina botila batek itxurazko metxa bat jarriaz gero, edonor engaina dezake. Bertie, zeharo engainatu zuen, eta bertakoak ere bai. Hansen kapitainak metxari su eman eta bertako baten gerripekoaren atzeari zintzilikatu zuenean, azken honi izuaren izuz, gerripekoa kentzea ahaztu zitzaion. Korrika abiatu zen, atzetik metxa txinpartaka eta zihiztaka zeramalarik, lagunen artean sekulako larritasuna sortuaz, eta berak egiten zuen salto bakoitzean, lagunak sare gainetik beren burua uretara botatzen zuten. Bertie izuturik zegoen. Hansen kapitaina ere bai. Egun hartan, bakoitzari aurrez hogeita hamar txelinen truke kontratatu zituen hogeita bost gizonez ahaztu baitzen. Horrela hauek ere beste guztiekin batera uretara joan ziren, etengabe txinpartaka zegoen metxaz, klorodina botila zeramana, atzetik zutela. Bertiek ez zuen botila lehertzen ikusi, baina kontramaisuak une egokian inori minik egin ez ziezaiokeen lekuan, benetako dinamita kartutxo bat leherrarazi zuen, eta horregatik Almirantazgoko edozein epaimahairen aurrean zin egingo zukeen beltz bat mila zatitan hegaka ikusi zuela. Kontrataturiko hogeita bost gizonen ihesa, Arlari berrogei libra esterlina kosta zitzaion. Irla barneko oihanera alde egin zuten, eta horregatik ez zegoen berreskuratzeko itxaropenik. Kapitainak eta kontramaisuak beren nahigabeak te hotzetan itotzea erabaki zuten. Whisky botilatan zerbitzatzen zen te bat zen hau, beraz Bertiek ez zuen jakin ahal izan hainbesteko antsiaz edaten ari zirena alkohola zen ala ez. Baina laster ikusi zituen gizon haiek zeharo mozkortuta eta hitz-jario izugarrien artean mila zatitan xehetu zen beltzaren heriotza istripu bat ala disenteria izan ote zen argitzen. Bi gizonak zurrunka hasi zirenean, Bertie izan zen , ontzi barnean geratzen zen gizon zuri bakarra, eta horregatik egunsentira arte goardia arriskutsu bat egin zuen irlakoen eraso gogor edo eskifaiaren matxinadaren beldurrez. Hiru egun gehiago igaro zituen Arlak itsasertzean eta kapitainak eta kontramaisuak beste hiru gauetan te hotzez leporaino bete ziren, Bertie goardian utziaz. Bertierengan fida zitezkeen, honek, estualdi hartatik bizirik irteten bazen, Malu kapitainari mozkor haien berri emango ziola zekien bezala. Azkenik Arla Reminge soroetan geratu zen, Guadalkanalen. Bertie lasaitu zen azkenean oinak lurraren gainean jarri zituenean, eta administratzailea agurtu zuen eskua emanez. Harriwell jauna ongietorria egiteko prestaturik zegoen. —Ez zaitez harritu mutilak uzkur samar ikusten badituzu —esan zion bazter batera eramanez isilean hitz egiteko— Matxinada baten susmoa dago. Bi edo hiru zantzu ikusi ditudala onartzen dut, baina niretzako sasi alarma bat dela iruditzen zait. —Zenbat beltz dago soroetan? —galdetu zuen Bertiek nahiko asaldaturik. —Une honetan laurehun — erantzun zion Harriwell jaunak axolarik gabe— baina gu hiruron artean, zu, Arlako kapitaina, eta kontramaisuaren artean erraz menpera ditzakegu. Bertie, Mc Tavish zeritzan bati eskua emateko itzuli zen. Intendente zen, agur motza izan zen, beste honek dimisioa eskatzeko presa handia baitzuen. —Harriwell, gizon ezkondua naizenez ez dezaket hemen denbora gehiagorik pasa. Hemen zerbait sumatzen da, zure aurpegian ikusten dudan sudurra bezain argi dago. Beltzak matxinatu egingo dira, eta Remingen, Hohonon gertatu zen triskantza errepikatuko da. —Zer triskantza? — galdetu zuen Bertiek, soroetako administratzaileak intendentea hilabetea bukatu arte geratzeko konbentzitu ondoren. —Isabel irlako Hohonoko landaketaz hitz egin du —esan zuen administratzaileak—Beltzek, lehorrean zeuden bost zuri hil zituzten, itsasontzia hartu, kapitaina eta kontramaisua garbitu, eta Malaitara alde egin zuten. Baina beti esan izan dut Hohonon gertatu zena gertatu bazen, arduratu ez zirelako izan zela. Hemen ez gaituzte lotan hatzemango. Zatoz Arkwright eta ikus ezazu galeriatik azaltzen den panorama. Bertiek ez zuen panorama ikusteko gogorik, eta Tulagira, Gobernariaren etxera, nola ihes egin pentsatzen kezkaturik zegoen. Gogoetan zegoela atzean oso gertu, rifle baten tiroa entzun zuen. Harriwellek arrastaka bizian eraman zuen barrura, tiraka ia besoa atera ziolarik. —Izugarria izan da gizon! Kasualitatez salbatu zara! —esan zion zauritua ote zegoen begiratzen zion bitartean— Ez dakizu zer kezkati nagoen. Egun argitan. Ez nuen pentsatu ere egingo... Bertie zurbiltzen hasi zen. —Horrela hil zuten aurreko administratzailea — esan zuen Mc Tavishek— Eta zuk bazeneki nolakoa zen gizon hura! Galeria honetan bertan atera zizkioten garunak. Ikusi al duzu eskilara eta ate artean dagoen mantxa iluna? Bertiek ez zuen ikusten Harriwellek berarentzat prestatu eta eskaintzen zion edaria hartzeko une egokirik. Dastatu baino lehen, polainak eta zaldiketarako galtzak zituen gizon bat sartu zen. —Zer gertatzen da orain? —galdetu zion administratzaileari, etorri berriari begirada arin bat bota ondoren— Ibaia igo al da berriro? —Zer ibai eta zer ibai ondo! Beltz bat izan da. Landare tartetik irten da, ni nengoen lekutik dozena bat urrats eskasetara geratu eta tiro bat bota dit. Snider bat zuen eta hanka gainean indar eginez tiro egin du: Nondik atera duen riflea jakin nahi nuke! Ah, barka ezazu Arkwright jauna! Pozten naiz. —Brown jauna nire laguntzailea da — esan zuen Harriwellek— Orain kopa bat har dezagun. —Baina, nondik atera ote du Snider hori? —berresan zuen Brownek— Beti arma tipo hori edukitzearen aurka egon naiz. —Ba… hemendik ez — esan zuen Harriwellek oso haserreturik. Brownek irribarre maltzur bat egin zuen. —Ea, goazen ikustera! —administratzaileak. Bertiek besteen atzetik bulegoraino jarraitu zuen, eta han Harriwellek hautsez beteriko bazter batean zegoen kaxoia seinalatu zuen garaile aurpegia jarriaz. —Orduan nondik atera dute Sniderra alu horiek? —berresan zuen Brownek. Baina une hartan bertan Mc Tavishek kaxoia lurretik altxatu zuen. Ostikada bat jo eta estalkia kendu zion. Hutsik zegoen. Denak harri eta zur geratu ziren isiltasunik handienean. Harriwell zurbildurik zegoen. Eta Mc Tavish biraoka. —Beti esan dudana. Ezin daiteke morroiez fida. —Hau gogorra da — esan zuen Harriwellek— baina irtengo gara estuasun honetatik ere. Beltz odolgabe hauek susto on bat behar dute. Jaunak, ekar itzazue zuen rifleak jangelara. Eta zuk Brown, presta itzazu berrogei edo berrogeita hamar dinamita kartutxo. Metxa motzekin. Guk erakutsiko diegu. Eta orain jaunak, afaria zerbitzatua dago — Bertie, zerbaitez nazkatzen bazen, kurryz nahasiriko arrozaz zen, eta horrela itxura ederreko tortila bat hartu zuen. Bukatu orduko Harriwellek hartu zuen zati bat. Dastatu orduko oihuka bota zuen. —Bigarren aldia da — esan zuen Mc Tavishek higuinez. Harriwellek botaka eta oihuka jarraitzen zuen. —Zeri buruz ari zara? — galdetu zuen Bertiek dardarti. —Pozoia —izan zen erantzuna— Sukaldari : hori urkatu beste biderik ez dago. Horrela hil zen Kabo Marsheko kontalaria — esan zuen Brownek—. Heriotz izugarria izan zuen. Jessien diotenez, hiru milatara ere entzuten ziren haren garraisiak. Sukaldari hori girgiluz josiko dut — esan zuen Harriwellek— Zorionez garaiz harrapatu dugu. Bertiek higitu ezinik jarraitzen zuen. Aurpegia kolorerik gabe geratu zitzaion. Hitz egin nahi zuen, baina ulertu ezin zen gurgurketa bat besterik ez zitzaion irten. Denek larriturik begiratu zioten. —Ez iezadazu esan, ez iezadazu esan! — oihu egin zuen Mc Tavishek ahots tinkoz. —Bai tortila jan dut, eta asko. Platera beterik — esan zuen Bertiek bat-batean hatsa berreskuratu duen murgilari batek esango zukeen eran. Isiltasun izugarri hark, minutu erdi bat iraun zuen. Bertiek denen begietan irakurri zuen bere etorkizuna. —Beharbada ez dago pozoiturik — esan zuen Harriwellek bare-bare. —Deitu sukaldariari—agindu zuen Brownek. Eta belarri eta sudur zulatuak zituen beltz irribarretsu bat agertu zenean: — Wi-Wi Zer izan honek? — oihu egin zuen Harriwellek tortila erakutsiaz. Wi-Wi, noski, ikaraturik eta izuturik geratu zen. —Orain “kai-kairentzat” — esan zuen aitzakia bila. —Janarazi iezaiozu — esan zuen Mc Tavishek. Hori da frogarik onena. Harriwellek goilare bat tortilaz bete, eta sukaldariarengana jauzi egin zuen, hau izututa korrika irteten zelarik. —Horrekin dena esana dago —izan zen Brownek eman zuen epaia—Ez du probatu nahi. —Brown, prestatu nahi al dituzu girgiluak? Harriwell alai itzuli zen Bertierengana— Ez zaitez estutu. Gobernariak zuzenduko ditu kontuak, eta ziur egon, zu hiltzen bazara, urkatuko dutela. —Ez dut uste hori egingo dutenik — esan tuen Mc Tavishek. Baina jaunak... jaunak... — oihu egin zuen Bertiek— Bitartean nitaz pentsa ezazue…! Harriwellek sorbaldak jaso zituen gupidatuaz. —Sentitzen dut lagun, baina ez dugu ezagutzen bertakoek erabiltzen dituzten pozoien aurkako sendagarririk. Baretu zaitez eta... ez dakit ba... Kanpoan, entzun ziren bi rifle tirok eten zuten elkarrizketa. Brown sartu zen, bere Winchesterra kargatu eta mahaian eseri zen. —Sukaldaria hil da — esan zuen — Sukarrak izan ditu. Berehalako eraso bat. —Arkwright jaunari esaten ari nintzaion ez dugula bertakoen pozoiaren aurkako sendagairik ezagutzen... — Ginebra salbu — esan zuen Brownek. Harriwell mugimendu geldo eta arreta gabekoak eginaz botila baten bila abiatu zen. —Kontuz gizona, kontuz — esan zion Bertieri, ginebraz beteriko basoa ia trago batez hustu baitzuen, eta alkoholaren indarra kontra eztarrira joanda, eztulka hasi zen masailak malkotu arte. Harriwellek pultsua eta hozberoa hartu zion, harrokeriarik handienaz zaindu, eta tortila hura pozoitua ote zegoen zalantza egiten zuen. Brown eta Mc Tavishek ere antzeko hitzak esan zituzten, baina Bertiek haien hitzetan halako doinu faltsu bat nabaritu zuen. Goseak amen batean aldegin zion eta mahaipean ezkutuan pultsua hartzen zuen. Zalantzarik gabe abiadura gehitzen zihoan, baina ez zion ginebrarengatik izan zitekeela ere burutik pasa. Mc Tavish, riflea eskutan, galeriara irten zen, inspekzio begirada bat egitera. — Sukaldean ari dira biltzen alu horiek—esan zuen itzuleran— eta rifle pila bat dute. Onena isilka inguratzea izango da, eta albotik erasotzea. Beharrezkoa da aurrea hartzea. Nirekin etorri nahi al duzu Brown? Harriwellek jaten jarraitu zuen, eta Bertie bere pultsuaren abiadura azkarren beldur zen. Rifleak sutan hasi zirenean, erne egon arren, derrigorrezko jauzi egitera behartuak ikusi ziren. Snideren tiroen gainetik, Brown eta Tavishen Winchesterren mailukadak entzuten ziren, batzuk eta besteak oihu eta deiadar deabruen tartean. —Sakabanatu dituzte — zioen Harriwellek, ahots eta tiroen hotsa urruntzen zihoan eran. Brown eta Mc Tavish mahaian eseri orduko, honek zera esan zuen: —Dinamita daukate. —Orduan, eraso ditzagun guk ere dinamitaz — proposatu zuen Harriwellek. Bakoitzak dozena erdi bat kartutxo patrikan sartu, eta puruak piztu ondoren, aterantz abiatu ziren. Une horretantxe gertatu zen. Geroago Mc Tavish jotzen zuten errudun eta honek ere karga gehiegizkoa izan zela aitortu zuen. Edozein eratara ere, egia dena zera da, alegia etxapean lehertu zela, hau albotik altxa, eta berriro oinarri gainean geratu zela. Mahai gainean zeuden plateren erdiak mila zatitan xehetu ziren. Zortzi egunetako korda zuen ordularia ere bat-batean gelditu zen. “Mendekua” oihukatuaz, hiru gizonak kanpora irten ziren eta bonbaketa hasi zen gauerdian. Itzuli zirenean, ez zuten aurkitu Bertie. Administratzailearen bulegoraino arrastaka joan zen, eta, barrikada bat eraikirik, bertan gorde zen. Han lurrean etzanik eta ginebraz beteriko lo kuluxka goxoan murgildurik zegoen bitartean, mila heriotza gertatu ziren bere inguruan borrokaldi ausart hark eraginda. Goizean, urdaila nahasirik eta buruko minez, bere gordelekutik irten zenean eguzkiaren dirdira eta Jainkoaren boterea sekula baino handiagoak iruditu zitzaizkion, bere gonbidatzaileek bizirik eta onik jarraitzen baitzuten. Harriwellek soroetako bere egonaldia luzatzeko eskatu zion, baina Bertiek behin eta berriz Arlan Tulagirantz berehala itsasoratzea nahi zuen, eta horretan lehiatu zen. Han, ez zen Gobernariaren etxetik aldendu, lehen baporearen abiatze eguna iritsi zen arte. Ontzian emakume turistak zihoazen, eta Bertie berriro ere heroi bezala kontsideratzen zuten, Malu kapitaina, beti bezala, ilunpean geratzen zelarik. Baina Sidneytik, aurkitu ahal izan zuen eskoziar whisky onenetik, bi kaxoi bidali zituen, bata Hansen kapitainarentzat eta bestea Harriwellentzat, Salomon irletan ahantz ezinezko bizipen hartan hainbeste lagundu ziotelako. NAHITAEZKO GIZON ZURIA —Beltza beltz den bitartean eta zuria zuri, ez dago bien artean ulertzeko modurik. Horrela hitz egiten zuen Woodward kapitainak. Apian ginen Charley Robertsen tabernako egongelan eserita, eta lehen aipaturiko tabernariak prestatu zizkigun “Abu-Hameds ”ak edanez, hark zioenez Steevensengandik zuzenean jasoriko errezeta batez eginak. “Kitcherrekin Jartumera”ren egilea, eta Ladysmithako setioaldian hil zuten Steevens ospetsua, Nilon egarriak larriturik, edaria asmatu zuelako. Woodward kapitaina, txikia, biribila eta adinekoa zen, berrogei urtetako eguzki tropikalez errea. Inoiz gizon baten aurpegian ikusi diren gaztaina koloreko begi ederrenez hornituriko gizon hark eskarmentuaz beterik hitz egiten zuen. Bere buru gain soildua beltzen aizkorakaden orbainez josita zegoen, halakoa izan baitzen haiekin lortutako adiskidetasun mina; begiratu besterik ez zegoen bere lepoko eskuin aldea, aurretik, atzetik, nonahitik eta batik bat buruan sartu zioten gezia atera zuen lekua. Hura gertatu zitzaionean, berak zioenez, oso presaka omen zihoan eta azkonak korrika egitea galarazten zionez, muturra hausteko geratu ezin, eta sartu zen bezala atera omen zen. Orain Sabaiiren kapitaina zen. Sartaldeko irletan langileak bildu eta Samoako soro alemanetara eramaten zituen bapore bat zen hau. —Liskar erdien errua zuriena da — esan zuen Robertsek, “Abu-Hameds”en zurrupada batzuk edateko geldiune bat eginez eta Samoar zerbitzaria samurki madarikatuz —. Beltzek nola pentsatzen duten ulertzen pixka bat saiatuko balira, arazorik larrienak erraz zuzenduko lirateke. —Ezagutu ditut batzuk, beltzak ulertzen zituztela ziotenak erantzun zion kapitainak — eta hauek izan dira beti “kai-kai” (janda) bukatu duten lehenengoak. Hor dituzu Ginea Berri eta Hebrida Berrietako misiolariak, Erromanga irlako martiriak eta beste guztiak. Oroi zaitez zer gertatu zitzaien Salomonetan zatikatu zituzten austriar espedizio hartako kideei. Gudalkanaleko oihanetan, eta beste hainbat eta hainbat merkatariei. Hogei urtetako eskarmentua bizkarrean zeramatelarik, eurei inork ez zezakeela ezer egin uste zutenak berak ere, gaur egun haien buruek bertakoen kanoa-etxeak dotoretzen dituzte. Hor duzu Johnny Simonsen gertakizuna ere. Hogeita sei urte zeramatzan Melanesiako itsasertzak korritzen. Bertakoengan liburu ireki batean bezala irakurtzen zuela zin egiten zuen, eta inoiz ez zutela hilko, eta hala ere Georgia Berriko Marobo aintziran hil zen. Beltz pare batek moztu zioten burua, Mary (emakume) batek eta hanka bat geratzen zitzaion zahar batek, bestea marrazo baten ahoan geratu baitzitzaion aurrez dinamitaturiko uretan arrantzuan zebilela. Eta gogora ezazu Blly Warts, bertakoak erahilez ospetsu egin zena, eta etsaia berbera ikaratzeko gauza zena. Oraindik ere oroitzen naiz. Kabo Littlen lurreratu zenean, Irlanda Berrian, gehienez hiru dolar eta erdi kosta zitzaion tabako kaxa erdia ohostu zioten. Mendekuz, itzuli eta sei beltz erahil zituen, euren gudu kanoak puskatu eta bi auzo erre. Eta han bertan izan zen, Kabo Littlen, lau urte geroago arrantzan ari zela beste berrogeita hamar lagunekin. Bost minututan hilda zeuden denak, kanoa batetan aldegin zuten hiru gizon ez beste. Ez zaitez etorri kontu zaharrak esanez. Gizon zuriaren lana mundua kolonizatzea da, eta horrekin dena esanda dago. Uste al duzu beltzak ulertzeko denborarik geratzen zaionik? —Hori egia da — esan zuen Robertsek—, eta bestalde ez da hain beharrezkoa ere. Hain zuzen ere zurien astakeria, mundua kolonizatzeak eskatzen duena besterik ez da izan. —Eta beltzen bihotzetan Jainkoarenganako beldurra finkatzea izan da bestea — esan zuen Woodward kapitainak —. Beharbada Robertsek arrazoia du. Astakeria asko egin duelako atera da garaile eta, zalantzarik gabe, astakeria horren alderdi bat beste arraza batzuk ulertzeko gai ez izatea da. Baina gauza bat da garbia: ulertu ala ez ulertu, zuriak beltza baztertu behar duela. Nahitaezko prozesu bat da. Patua da. —Eta noski, gizon zuria ezinbestekoa da. Beltzaren patua da — esan zion Robertsek—. Esan iezaiozu edozein zuriri txirlarriak edo perlak daudela milaka gizajale oihulari eta izurrituen aintzira batean, eta berehala joango da, kronometro bat harturik eta dozena erdi bat kanaka murgilarirekin, denak sardinak latan bezala esturik, bost tonako ketxe zabal batean. Belarri ertzera esan iezaiozu iparburuan urrea aurkitu dutela, eta azal zuridun hori, nahitaezko izaki hori, luzamendurik gabe irtengo da, pala, pikotx eta azken aurrerapen guztiekin. Eta gehiago oraindik, bere helmugara iritsiko da. Jakinarazi iezaiozu diamanteak daudela infernuko horma kiskalgarrienetan, eta gizon zuriak horma horiek eraso eta Satan berbera ere lanean ipinaraziko du bere pala eta pikotxez. Hor duzu astakeria eta nahitaezko izatearen ondorioa. —Baina nire buruari galdetzen diodana hau da: zer pentsatzen ote duen beltzak nahitaez tasun horretaz? —esan nien. Woodward kapitaina isilka barrez hasi zen. Bere begietan oroitzapen baten irudia nabaritu zen. —Une honetan zer iritzi ote zuten, eta edukiko duten, Maluko beltzek pentsatzen ari naiz, “Dukesa”n ikusi genituenean, ontzian generaman nahitaezko gizon zuriaz? Robertsek beste hiru Abu-Hameds prestatu zituen. —Duela hogei urte gertatu zen. Saxtorph zeritzan. Zalantzarik gabe ezagutu dudan gizonik geldoena zen, baina heriotza bezain nahitaezkoa. Tipo horrek gauza bat bakarrik ez zekien, tiro egitea alegia. Oroitzen naiz ezagutu nuen egun hartaz, hemen bertan Apian. Hori zu iritsi aurretik zen, Roberts. Ni orain azoka dagoen lekuan bizi nintzen, Henry holandarraren hotelean. Entzungo zenuten gizon horri buruz zerbait. Matxinatuei kontrabandoko armak salduaz aberastu zen. Gero negozioa utzi eta sei astera Sidneyn hil zen tabernako iskanbila batean. Baina Saxtorphi buruz jarraituz. Gau batez lo hartu bezain laster, katu pare bat patioan miauka hasi ziren. Ohetik altxa eta pitxerkada ura botatzeko prestatzera nindoan. Baina une horretan alboko gelako leihoa ireki zen. Bi tiro entzun ziren eta leihoa itxi zen. Ezin dut hitzez esan nolako arintasunez gertatu zen dena. Hamar segundo gehienera. Ireki leihoa, pan-pan errebolberra eta itxi. Tiroen egilea edonor zela ere, ez zen ondorioa ikusten ere molestatu. Begira gelditu gabe zekien. Ulertzen al duzue zer esan nahi dudan? Bazekien. Katuek ez gintuzten gehiago molestatu. Hurrengo goizean han zeuden bi zalapartariak. Harriturik geratu nintzen. Oraindik ere hala nago. Lehenik, patio hartan ez zegoen izarren argia besterik, eta Saxtorphek apuntatu gabe bota zuen tiroa. Bigarren, gatilua bi tiro hotsa bat zela esateko moduan estutu zuen. Eta azkenik, jo zituela seguru zegoen begiratzen ere ez baitzen molestatu. Handik bi egunera ontzira etorri zitzaidan. Ni orduan kontramaisu nintzen. “Dukesa” izugarrizko goleta handi bat zen, ehun eta berrogeita hamar tonako beltz-tratularien itsasontzia. Eta garai haietan beltz-tratularien itsasontziak ez ziren ahuntzaren gauerdiko eztula. Orduan ez zegoen ikuskatzaile ofizialik, egia da, baina horrek desabantaila bat zekarren: Gobernuak ez gintuela babesten. Lan gogorra zen. Bukatzen bagenuen, bidezkoa kobratu eta bukatzen zen. Hegoaldeko itsasertz guztietan beltzak kontrolatzen genituen. Bada, lehen esan bezala, John Saxtorph berak zioen bezala, ontziratu zen. Luzera txikia zuen, ilea eta azala hondar kolorekoak eta begiak ere halatsu. Espiritua kolorea bezain geza zuen gizon harengan ez zen ezer berezirik nabaritzen. Txanpon bat ere ez zuela, eta tartean pozik sartuko litzatekeela esan zidan. Sukaldari, zerbitzari, zamazain ala marinel soil etorriko zela. Nik ez nuen nahi baina armen maneiaketan zuen trebetasuna ikusirik, ba, hileko hiru liberako soldata bidez, marinel kontratatu nuen. Egia zen, ikasteko prest zegoen. Baina, hura, berez, ez zen gauza ezer ikasteko. Lema maneiatzeko, ni Robertsek ematen dizkigun nahasketak prestatzeko bezain txarra zen. Bere erruz hasi zitzaidan ilea zuritzen. Itsaso txarretan inoiz ez nintzen ausartu lema bere esku uzten. “Aurrera dena”, “Aurtzakarako prest” eta honelako esaerak misterio ulergaitzak ziren harentzat. Ezin zituen bela lokarri eta beste tresnak bereizi. Ezin zuen. Aitzin masta eta fokeak gauza bat bakarra ziren bere iritziz. Handia jaisteko esan eta, bat konturatzerako, beste oihal bat jaitsiko zuen. Hiru bider erori zen uretara igeri jakin gabe. Beti alai zegoen, inoiz ez zen zorabiatzen eta ezagutu dudan gizonik prestuena zen. Bestalde ez zen oso hiztuna. Behin ere ez zuen bere buruaz hitz egiten. Guretzat haren bizia Dukesan sartu zen egunean hasten zen. Tiro egiten non ikasi zuen? Izarrek besterik ez zekiten. Yankia zen, hizkeran antzeman genionez, baina ez genuen ezer besterik jakin ahal izan. Eta orain dator gertakizunaren muina. Hebrida Berrietan zorte txarra izan genuen. Bost astetan hamalau gizon bakarrik bildu genituen. Hego-sortaldeko haizeak bultzaturik Salomon irletara iritsi ginen. Malaita orduan, orain bezala, langileak biltzeko leku on bat zen. Malun hondeatu genuen, irlaren ipar-sortaldeko ertzean. Han bi harkaitz-buru ilara daude, edonor urduri jartzeko modukoak, baina inguratu ginen halere, eta beltzei, dinamitaz, behera jaisteko gaztigatu genien. Ez genuen hiru egunetan gizon bat hartu ahal izan. Ehundaka hurbiltzen ziren beren kanoatan baina kontuak, perkal oihalkiak eta aizkorak erakusten genizkienean, barre egiten ziguten. Laugarren egunean aldaketa bat nabaritu zen. Berrogeita hamar gizonek sinatu zuten, bodegatan sartu genituen baina, noski, ontzigainera igotzeko askatasun osoz. Orain urteak pasa eta gero ikusirik, ez dakit nola ez zitzaigun susmagarri iruditu beltzen uholde hura, baina une hartan, ziurrenik, buruzagi indartsuren batek ontziratzeko debekua eman ziela edo pentsatu genuen. Bosgarren goizean, ohitura zen bezala, bi txalupa lurrerantz abiatu ziren, bata bestea zainduaz oztoporen bat aurkitzen bazuten ere. Eta beti bezala, berrogeita hamar beltzak ere ontziko gainaldean zeuden atsedenean, hizketan, erretzen edo lotan. Eskifaitik Saxtorph, ni eta beste lau marinel geratu ginen. Txalupetako arraunlariak Gilbert irletakoak ziren, bertakoak. Haietako batean, kapitaina, zamatzaina eta beltzak biltzeko arduraduna zihoazen. Bestea hondartzatik ehunen bat yardatara hondeatua geratzen zen, laguntzaren bat behar bazuten ere. Bi txalupak ongi armaturik zeuden, nahiz eta ezbeharren beldur ez izan. Lau marinel, Saxtorph barne, txopan zeuden karela garbitzen. Bosgarrena goardian, riflea eskuan, masta aurrean, ur deposituaren ondoan. Ni branka inguruan nengoen, atze mastarentzat aho berri bati azken zertzeladak ematen. Pipa lehen utzi nuen lekutik hartzeko eskua luzatu nuen une berean, itsasertzetik zetorren tiro baten hotsa entzun nuen. Zutitu nintzen begiratzeko. Zerbaitek lepagainean jo ninduen eta erdi zorabiaturik lurrera erori nintzen. Lehenik ertzen bat askatu ote zen bururatu zitzaidan, baina erortzen ari nintzen bitartean eta zorua jo baino lehen, txalupetatik zetozen rifleen tiroak entzun nituen. Itzuli eta segundo batez goardian zegoen marinela ikusi nuen. Bi beltzek besoak azpiratu zizkioten eta hirugarren batek atzetik aizkoraz lepagainean zuen. Oraindik ere ikusten ari naizela iruditzen zait. Ur depositua, masta, marinela azpiratzen gizonak, aizkora lepagainera jaisten, dena eguzki kiskalgarri baten pean. Heriotzaren kontenplazioak liluratzen ninduen. Aizkora izugarrizko lasaitasunez erortzen zela zirudien. Azkenik bota zuten lurrera, eta neu lurreratuaz, gizonaren oinak gorputzari eutsi ezinik amore ematen ikusi nituen. Bi beltzek besoen indarrez eusten zioten, hirugarrenak aizkorakada pare bat kolpatzen ziolarik. Gero neuk ere bi buruko hartu nituen eta hiltzera nindoala konturatu nintzen. Ni jo ninduen basatiak hori nahi zuen nonbait. Ezin nintzen mugitu eta han geratu nintzen, guardian zegoenari burua nola mozten zioten ikusten. Nahiko trebetasunez egin zutela aitortu beharrean nago. Nonbait eskarmentu handia zuten. Txalupetatik zetorren tiro hotsa geratu zen. Eskifaia hil zela pentsatu nuen eta gureak egin zuela. Minutu gutxiren buruan itzuli eta burua moztuko zidaten. Hori zen une hartan txopako marinelekin egiten ari zirena. Giza buruak estimatuak ziren Malaitan, zurienak batez ere. Hondartzatan bizi diren bertakoen kanoa-etxeetan ohorezko lekua hartzen zuten. Lur barruko biztanleen ohituren berri ez dakit, baina itsas ertzekoak izugarri estimatzen dituzte. Ihes egin behar nuenaren irudipen ahul bat etorri zitzaidan eta lau oinean ardatzeraino arrastaka joan nintzen. Han, nola edo hala zutitu nintzen. Handik txopa ikus nezakeen. Ontzi gelako teilatuaren gainean hiru buru zeuden, hilabete osoan nire agintepean ibili ziren hiru marinelenak. Beltzek zutik ikusi ninduten eta niregana abiatu ziren arrapaladan. Pistola hartzera nindoan baina kendua nuen. Egia esan, ez nuen beldurrik sentitzen. Sarritan egon izan naiz heriotzaren atakan, baina sekula ez orduan bezain gertu. Txunditurik nengoen eta ez zitzaidan ezer axola. Beltzen buruzagiak, sukaldeko aizkora zuen, eta keinu bihurriak egiten zituen lepoa zerratzeko prestatzen zen bitartean. Baina ez zuen lortu hori egiterik. Ontzi gainera pilota bat eginik erori zen eta bere ahotik odola borborka irteten ikusi nuen. Ametsetan bezala, rifle baten tiroak entzuten nituen. Nire onera etortzen ari nintzen eta ez zela bala bat ere bere destinora iritsi gabe gelditzen ikusten nuen. Tiro bakoitzeko, beltz bat erortzen zen. Ontzi gainean ardatz ondoan eseri nintzen eta gora begiratu nuen. Gurutzetan etzanda, han zegoen Saxtorph. Ez dakit nola moldatu zen hara igotzeko, baina zena zela han zegoen, bi “Winchester” eta munizioz beteriko kartutxera pilo batekin. Eta han egoki jarririk, naturak eman zion dohain hartaz, zekien gauza bakarra egiten zuen. Tirokatze eta hilketak hamaika ikusi ditut, baina ordurarte ez nuen sekula ikusi halako gauzarik. Ardatz ondoan eseririk ikuskizuna begiratzen nuen. Ahul eta indargabe nengoen, eta ikusten nuen guztia ametsa iruditzen zitzaidan. Pan-pan-pan jarraitzen zuen rifleak eta klon-klon-klon jarraitzen zuten beltzak ontzigainera erortzen. Harrigarria zen bata bestearen ondoren erortzen ikustea. Nire aurka zetorrena eta dozena bat gehiago erori ondoren, txunditurik geratu ziren. Hala ere Saxtorphen riflea ez zen isildu. Bitartean itsas ertzetik beltzez beteriko bi txalupa heldu ziren, marinelei kenduriko Winchesters eta Snidersez beterik. Denak batera tiroka ekin zioten Saxtorphi baina, zorionez, bertakoek oso bertara ez bada, punteria txarrekoak dira. Ez daude riflea sorburuan edukitzen ohituak. Ez dakite asmatzen ehiza sudurraren puntan ikusi arte, eta orduan bakarrik botatzen dute, kulata aldakan jarrita. Saxtorphek riflea gehiegi berotu zenean, bestea hartu zuen. Horregatik igo zituen bi. Gehiena harritzen ninduena, disparatzeko zuen abiadura zen. Ez zuen bat ere huts egiten. Behinere nahitaezko zerbait izan bada, gizon hura da. Dena hain azkar gertatzeak, triskantza areagotzen zuen. Beltzek ez zuten pentsatzeko denborarik ere. Ahal zutenek, uretara ziztu bizian jauzi egiten zuten, kanoetan ihes egiteko. Saxtorph ez zen geratzen. Itsasoa gorpuez beteta zegoen, eta balak oraindik ere haien gainean jarraitzen zuten. Ez zuen bat ere huts egiten eta, nengoen lekutik, giza haragitan sartzen ziren balen hots gogorra entzuten nuen. Beltzak, itsas ertzera igerian iristeko banatu egin ziren. Ura buruz beterik zegoen. Nik altxa eta amets batetan bezala dena ikusi nuen: zalapartaka hasten ziren buruak eta bat batean zalaparta egiteari uzten zioten. Haietako tiro batzuk, benetan bikainak izan, ziren jomugarainoko distantzia ikusirik. Beltz bat bakarrik iritsi zen hondartzaraino eta zutitzen ari zen une berean Saxtorphek bala batez jo zuen. Ikuskizun ederra huraxe. Erori zenari laguntzera beste bi beltz irten zirenean ere, Saxtorphek biak hil egin zituen. Dena bukatu zela uste nuen, baina berriro tiroak entzun nituen. Beltz bat kameratik irten zen karelarantz, baina bide erdian erori zen. Ontzi gela, bertako jendez beterik zegoen. Hogei arte zenbatu nituen. Banan-banan tximista bezala irten ziren karelarantz baina bat ere ez zen iritsi bertara. Usakume tiraketa zirudien. Kamerako eskilaratik beltz bat irten orduko, pan, Saxtorphen rifleak eta han erortzen zen gorpu. Noski, behean zeudenak ez zekiten ontzigainean zer gertatzen zen, eta horregatik azkenekoa erori arte irteten jarraitu zuten. Saxtorphek pixka bat itxaron zuen, besterik ez zegoela segurtatzeko eta gero ontzigainera jaitsi zen. Dukesaren eskifaiako bizidun bakarrak biok ginen, eta ni nahiko gaizki nengoen. Tiroketa bukatu ondoren benetako deskalabrua zirudien hark. Nire esanei jarraituz, buruko zauriak garbitu zizkidan, eta puntu batzuk eman ere bai. Whisky trago handi batek leku hura uzteko hainbat indar eman zidan. Besterik ez zegoen egiterik. Lagun guztiak hilda zeuden. Itsasoratu nahi genuen; Saxtorphek oihalak jasoaz, eta ni leman jarrita. Lehengo marinel traketsa zen, eskarmentu gabea eta motela. Ez zekien oihal jasotzen nola hasi ere, eta ni lurrera zorabiaturik erori nintzenean gure azken orduak iritsi zirela zirudien. Berriro nire onera etorri nintzenean. Saxtorph lasai-lasai eserita aurkitu nuen zer egin galdetzeko zain. Zaurituak begiratzeko esan nion eta ea norbait mugitzeko gai zen ikus zezala. Sei bildu zituen. Batek hanka bat hautsita zuen baina Saxtorphek besoak higi zitzazkeela esan zidan. Ontzigainean itzalean etzanik eta euliak ezin uxatuaz, maniobra guztiak zuzendu nituen, Saxtorphek bere ekipo elbarrituei aginduak ematen zizkien bitartean. Eta beltz gaixo haiei soka mutur guztiak banan-banan tinkatuarazi zizkien. Bat batean haietako bat askatutako oihal bat jasotzen ari zela hilda erori zen ontzigainera. Baina Saxtorphek besteak astinduaz lanean jarrarazi zituen. Aitzin masta eta handia jarik zeudela, aingurak jasotzeko esan nien. Gero lema ondora joaten lagundu ninduten tresnak maneiatzen hasi nintzen. Ez dakit nola konpondu zen, baina bat jaso ordez, bigarren aingura jaitsi zuen, eta birritan hondoraturik geratu ginen. Noizbait irtetzea lortu genuen eta Dukesa abiatu zen. Ontzigaina benetako ikuskizuna zen. Beltz hilak edo erdi hilak nonahi. Zenbait, lekurik xelebreenetara erorita. Kamarotea, ontzi gainetik arrastaka iritsi ziren gizonez beterik zegoen, han hiltzeko. Saxtorph eta bere ehortzaile taldea lanean jarri nituen, borda gainetik gorpuak botatzen eta han joan ziren nahasirik biziak eta hilak. Beltzek hil zituzten lau marinelek ere bide berdina jarraitu zuten. Buruak pisuko zaku batzuetan sartu genituen itsasoak hondartzarantz eraman ez zitzan eta beltzen esku erori ez zitezen. Bost atxilotuak marinel bezala hartu nituen baina eurak beste zerbait pentsatu zuten. Unerik egokiena aurkitu zutenean uretara bota zuten euren burua. Saxtorphek bere errebolberrez bi bota zituen eta uretan zeuden beste hirurekin ere berdin jokatuko zuen nik eragotzi ez banio. Hainbesteko triskantzak zeharo nazkatzen ninduen eta, bestalde, itsasoratzen lagundu ziguten. Baina nire errukiak ez zuen ezertarako balio izan, marrazoek irentsi baitzituzten. Lehorretik aldendu ginenean, sukarrak hartu ninduen. Hiru astetan Dukesa noraezean ibili zen, eta, indarberritu nintzenean, Sidneyra joan ginen. Edozein eratara ere Maluko beltz haiek behin betirako ikasi zuten: gizon zuria bakean uztea dela onena. Zalantzarik ez dago. Gertakizun hartan Saxtorph benetan ezinbestekoa izan zela. Charley Robertsek txistu hots luze bat egin, eta esan zuen: —Hori argi dago. Baina zer da hartaz? —Fokak ehizatzen ibili zen eta oso trebea izatera iritsi zen. Sei urtez Biktoria eta San Franziskoko ontzidietako arrantzalerik iaioena zela zioten. Zazpigarren urtean, errusiar gurutzeontzi batek bere goleta harrapatu zuen, eta, orduan esan zutenez, eskifai osoa Siberiako gatz meatzetara bidalia izan zen. Gehiago ez dut haren berririk. —Mundua kolonizatu — marmar egin zuen Robertsek—. Bueno, haiengatik topa egiten dut. Norbaitek egin behar du. Mundua kolonizatu esan nahi nuen. Woodward kapitainak bere burusoila gurutzatzen zuten arrastoetatik pasa zuen eskua. —Nik nirea egin dut —esan zuen—. Berrogei urte daramatzat lan honetan. Hau izango da nire azken bidaia. Gero etxera itzuliko naiz eta ez naiz handik mugituko. —Ezetz hori egin! Nahi duzuna jokatuko dizut — esan zion Robertsek— Zu horrela hilko zara, ez etxean. Woodward kapitainak apustua berehala onartu zuen, baina nire ustetan Charley Robertsek irabaziko zuen. BALEAREN HORTZA Aspaldian gertatu zen Fijin, John Starhurstek, Rewa auzoko misio etxea, Viti Levu guztira Ebanjelioa zabaltzeko asmoa agertu zuenean. Viti Levuk “Lurralde Handia” esan nahi du, eta ehunka uharte handiz, txikiak ez aipatzearren, osaturiko irla-multzo bateko handiena da. Han eta hemen, itsasertzean zehar eta egoerarik okerrenean, misiolari batzuk, salerosleak, itsasoko kui arrantzaleak eta baleontzietako desertoreak bizi ziren. Kanpoko suen kea beren leihopetatik gora igotzen zen, eta bertako hildakoen gorpuak euren ate aurretatik pasatzen ziren jaialdirako bidean. Kristau erlijioak ez zuen indarrik hartzen, eta sarritan atzeraka zihoala zirudien. Beren burua kristautasunera bihurturiko eta Eliza barnean pozkarioz hartuak izandako buruzagiak, euren antzinako joeratara itzultzen ziren sarritan, etsai handienetakoren baten haragi zatia dastatuaz. Jatea edo jana izatea zen irletako legea, eta itxura zenez, ez zirudien luzaroan aldatuko zenik. Ehunka eta ehunka gizaki irentsitako buruzagiak bizi ziren, Tanoa, Tuiveikoso eta Tuikilakila bezala. Baina tripontzien artean Ra Undreunde zen lehen postua zeramana. Ra Undreunde Taikakin bizi zen. Errejistro ikaragarri baten bidez azaltzen zuen bere dastamen agiria, etxeko ate aurrean ilaran jarritako harriak, jan zituen gorputzen zenbakien lekuko zirelarik. Ilara honek berrehun eta hogeitahamar oin zituen luzeran eta zortzirehun eta hirurogeitahamabi harriz osaturik zegoen. Hauetako bakoitzak jandako gorputz bat esan nahi zuen, eta lerro askoz ere luzeagoa izango zen Ra Undreundrek Somo-Somon segada batean erortzeko zoritxarra izan ez balu, ipurdi gainean lantza bat sartu eta bere ilaran berrogei eta zortzi harri besterik ez zituen Naungavuliren mahaian zerbitzatu izan ez bazuten. Misiolariek, gutxi izan arren, irmoki jarraitzen zuten euren lanean, gogaiturik batzuetan, eta beti ere arimen irabazte lorios bat lortzeko baliagarri izango zitzaien Mendekoste su baten zain. Baina Fijik, irla gizajaleak setatsu jarraitzen zuen berean. Bertako gizajaleak ile beltzaranak, giza gorputz uzta ugaria zen bitartean, ez zeuden prest bere eltzekada gozoena uzteko. Batzuetan, gose gehiegizkoa zenean, misiolariez baliatzen ziren, honelako egunetan hilketa bat eta haragi erreketa on bat egin behar zutela zurrumurrua zabalduaz. Gero, gauzak lege itxura gehiago hartu zuen, eta biktimen bizitzak erosten hasten ziren, tabako, perkal eta koloretako kontuz ordaintzen zituztelarik. Honela herrixketako buruzagiek negozio on bat egiten zuten giza haragi ugaritasuna aprobetxatuz. Edozein eratara ere, beti irten zitezkeen gehiagoren ehizera. Inguru hartan zen Jon Starhurst Ebanjelioa “Lurralde Handiko” ertz batetik bestera iragarriko zuela, eta Rewa ibaiaren iturrietako leku menditsuetan sartuaz hasiko zela aldarrikatu zuenean. Bere hitzek izu ikara handia sortu zuten. Bertako maisuek isilean negar egin zuten. Bere bi lankideek, biak misiolariak, atzerarazi nahi zuten. Reweko erregeak, herrialdeko biztanleek zalantzarik gabe kai-kai (jan) egingo zutela jakinarazi zion, eta errege horrek berak ere, Lotura bihurtzeko, mendietako biztanleei gerra deklaratu beharko ziela. Oso ongi zekien ez zituela garaituko. Bazekien, baita ere, beraiek alderantziz, ibaiez jaitsi eta Rewa herrixka suntsi zezaketela. Baina zer besterik egin zezakeen? John Starhurst irteten tematzen bazen, eta bere burua jaten utzi, ehunka giza bizitza kostako zen gerra bat sortuko zen. Zuen eragozpenek ez dute baliorik. Zuen negozioek kalte izango dutelako beldurrez bakarrik hitz egiten duzue. Zuei dirua egitea axola zaizue, niri berriz arimak salbatzea. Norbaitek askatu behar ditu iritzi okerren ilunpean suntsiturik dauden lur hauetako paganoak. John Starhurst ez zen fanatiko bat. Bera izango zen hori demostratzen lehenengoa. Alderantziz, oso gizon zentzuzko eta praktikoa zen. Bere eginkizuna denen onerako zela sinesturik zegoen, eta, bere barruan, hango biztanleen arimetan Mendekoste su txinparta bat pizten ikusten zuen bere burua, eta erlijio sentimendu gartsu baten uhin aldia altxatzen, mendietatik jaitsiaz mutur batetik besteraino, lurralde handia piztu eta itsasoan zipriztinduriko irla guztietara zabalduko zena. Bere begi gris atsegin haietan ez zen basati itxurarik, baizik eta erabaki lasai batek eta bera zuzentzen zuen Goi Agintearengana zuen fede izugarri batek gidatutako begirapena. Gizon bat bakarrik aurkitu zuen bere asmoarekin ados zegoena, eta hau Ra Vatu zen, sekretuki animatu zuen, eta lehen mendien oinetaraino eramango zuten gidariak aurkitzeko bere burua eskaini zion. John Starhurst, bere aldetik, oso pozik zegoen Ra Vaturen jokabideaz. Pagano zuzengaitz zen batetik, baina bazirudien bere barruan argia sortzen hasi zitzaiola. Ra Vatuk Lotura bihurtzeaz ere hitz egiten zuen. Egia zen hiru urte lehenago ere asmo berdina agertu zuela, eta Eliza barnean sartuko zela, bere lau emazteak ekartzeaz John Starhurst kontrajarri ez balitzaio. Ra Vatu monogamiaren aurkako zen, arrazoi etiko eta ekonomikoengatik. Misiolariaren objekzio erreak minberatu egin zuen, eta gizon librea eta ohoreduna zela agertzeko, bere gerra mazoa Starhursten gainera bota zuen. Misiolariak kolpetik alde egin zuen mazoa saihestuz eta Ra Vaturi helduaz laguntza iritsi zitzaion arte. Baina guzti hura ia ahaztuta eta barkatuta zegoen. Ra Vatu Elizara sartzera zihoan, ez pagano kristau bilakatu bezala bakarrik, baizik eta poligamo damutu gisa ere bai. Bakarrik, Starhursti baieztatu zion bezala, oso gaixo zegoen bere emazterik zaharrena hiltzeko zain zegoen. John Starhurstek, bada, Rewa ibai alferra igo zuen, Ra Vaturen kanoa batean, bi egunetan eraman zuen honek, eta gehiago ez, ze ibai hura ez baitzen gero nabigagarri. Handik, ontzia herrira itzuliko zen. Urrunean eta zerura begira, “Lurralde Handiko” bizkarrezurra ziren mendi grisaxkak ikusten ziren. John Starhurstek irrikaz begiratu zien egun osoz. Batzuetan isilean bakarrik otoitz egiten zuen; bestetan bere eskarietan Narau elkartzen zitzaion, duela zazpi urte Lotura bihurtu zen bertako maisua, James Ellery Brownek labean erretzetik salbatu zuen egunean, ehun tabako zotz, kotoiazko bi manta eta min kalmante zen ontzi baten truke. Azken unean, eta hogei ordu erreguka eta bakarkako otoitzean jardun ondoren, Narauk misio lanetan laguntzeko prest zegoela agindu zion. —Nagusi, zurekin joango naiz —aldarrikatu zion. John Starhurst atsegin zuhurrez goretsi zuen. Nabaria zen Jauna bere aldetik zegoela, Narau bezain adore gutxiko izaki bat laguntzera bultzatu bazuen. —Zalantzarik gabe ez dut adorerik, Jainkoaren umeen artean ahulena naiz — adierazi zion Narauk kanoan lehen egunean. —Fedea izan behar duzu, fede indartsuago bat —agiraka egin zion misiolariak. Beste kanoa batek egun hartan bertan igo zuen Rewa. Baina lehengoari ordubeteko aldearekin jarraitzen zion, eta ikusia izan ez zedin ardura handiz. Ra Vaturena zen hau ere, eta bertan Erirola zihoan, erregearen lehengusu eta konfiantzazko gizona. Eskutik inoiz uzten ez zuen saskitxoan bale hortz bat zeraman. Zoragarria zen, sei pulgada luze, neurri ederretako eta denborak horixka eta purpura bihurtu zuen boli zati bat zen. Ra Vaturena zen, eta Fijin, egun argitara holako hortz bat ateratzen denean, gehienetan zerbait gertatzen da. Bale hortzak berezitasun bat izaten omen du. Onartzen duenak, ez diezaioke laguntzen edo jarraitzen dion eskariari ukorik egin. Eskari hori edozer gauzari buruz izan daiteke, giza bizitza batetik akordio arrunt bateraino, eta irla guztian ez dago biztanlerik, ez bizirik ez hilik, ohorea axola ez zaionik, behin hortza onartuz gero ukatzea ausartu denik. Zenbaitetan betetzea atzeratu izan da, baina aurkako ondorioak pairatuz. Ibai garaietan, Mongondro izeneko buruzagi baten herrixkan, John Starhurstekek, bidaiaren bigarren egunean, atseden hartu zuen. Hurrengo goizean, Narauk lagundurik, inguratzean berde eta belusezkoak bihurtzen ziren mendi grisetara abiatzeko prestatu zen. Mongondro buruzagi zahar, atsegin, jokabide oneko eta gutxi ikusten zuena, elefantiasiz kexatua zen. Gerraren iskanbilak ez zuen ia erakartzen. Misiolariari oso ongietorri ona egin zion, bere mahai kidetza eskaini eta berarekin erlijioz eztabaidatzea ere onartu zuen. Mongondro, izatez, aztertzailea zen, eta John Starhurst erabat poltsikoratu zuen gauza guztien sorrera eta izatea adierazteko eskatu zionean. Misiolariak Genesiak zioen eran izadiaren sorrera laburtu zionean, Mongondro zeharo hunkiturik geratu zela ikusi zuen. Buruzagi zaharra luzaroan egon zen tabakoa erretzen isiltasunean. Gero pipa ahotik atera, eta goibeldurik buruari eragin zion. —Ezinezkoa da —esan zuen— Nik neuk, gaztetan, iaiotasunez erabiltzen nuen aitzurra. Eta hala ere, kanoa bat egiten hiru hilabete behar nituen. Kanoa txiki bat. Eta zuk esaten didazu lur hau guztia eta ur hauek gizon bakar batek egin zituela... —Ez. Jainko batek egin zituen. Egiazko Jainko bakarrak —eten zuen misiolariak. — Berdin dio — jarraitu zuen Mongondrok— Diozunez, lur guztia eta ura eta zuhaitzak eta arrainak eta sastrakak eta mendiak eta eguzkia eta ilargia eta izarrak sei egunetan egin zituen. Ez. Ez. Gaztetan oso gizon trebea nintzela esan dizut, eta, hala ere, kanoa bat egiteko hiru hilabete behar nituen. Historia horrek haurrak ikara ditzake baina gizonak ez dezake sinets. —Ni gizon bat naiz —esan zuen misiolariak. —Egia da, zu gizon bat zara. Baina nire jakinduria mugatuarentzat ezinezkoa da zuk sinesten duzuna onartzea. —Mundua sei egunetan egina izan zela sinesten dudala errepikatzen dizut. —Hori da zuk esaten duzuna —esan zuen gizajale zaharrak baketsu. John Starhurst eta Narau oheratu zirenean, orduan, Erirola buruzagiaren egonlekura sartu zen, eta, hitzaldi diplomatiko baten ondoren, balearen hortza eman zion. Agureak luzaroan eduki zuen eskuan. Oso ederra zen eta bereganatzea nahi zuen, baina haren truke eskatzen zitzaiona zein zen asmatu zuen. —Ez, ez. Oso hortz polita da—esan zuen eta ikusteak bakarrik ere zoratzen zuen, baina Erirolari itzuli zion aitzakiak bilatuz. Egunsentian, John Starhurst basabidean zihoan larruzko botak jantzirik bere Narau zintzoak laguntzen ziolarik, eta aldi berean Mongondrok hurrengo herrixkaraino joateko prestatu zion gidari biluts bati jarraituz, eguerdian iritsi ziren. Handik aurrera beste gidari batek lagundu zien. Milia batera, neke handiz jarraitzen zien Erirolak, sorbaldatik zintzilik zeraman saski barnean balearen hortza zuelarik. Bi egun gehiagotan jarraitu zuen honek igarotzen ziren herrixketako buruzagiei hortza eskainiaz. Baina banaka-banaka denek arbuiatzen zuten oparia. Misiolaria hain gertutik jarraitzen zuelarik, denek asmatzen zuten eskaria zein izango zen, eta arazo hartan parte hartu gabe egotea nahiago zuten. Mendian barna sartu ziren gehiago eta gehiago, eta Erirolak azkenik bidezidor ezkutu bat hartu zuen, misiolaria aurreratu, eta Gatokako Buliren mugara iritsi zen. Bulik ez zekien Starhursten etorrera hurbilaren berririk, eta, bestalde, hortz hura oso ederra zen, eredu harrigarria, kalitate eta kolorerik estimatuenetakoa. Publikoki aurkeztua izan zen. Bulik, bere lastaira onenean eseririk eta buruzagiz inguraturik, hiru zerbitzari atzean euliak uxatzeko zituela, Ra Vatuk bere lehengusu Erirolaren bidez bidaltzen zion bale hortza mezulariaren eskuetatik onartzea erabaki zuen. Eskaintza onartu zuen, bertan zeudenak txaloka eta han bilduriko buruzagi, mezulari eta zerbitzariek oihuka koruan esaten zutela: —A woi, woi, woi! A woi, woi, woi! A ta- bua levu woi woi! A mudua mudua mudua! —Laster, oso laster, gizon bat iritsiko da, gizon zuri bat — hasi zen Erirola, ohiturazko atsedenaldia egin ondoren— Misiolaria da eta gaur bertan etorriko da. Ra Vaturi bere botak desiratzea atsegin zaio. Bere lagun on Mongondrori oparitzea nahi du, eta oinak barnean dituela bidaltzea bururatu zaio, Mongondro zaharra delako eta bere hortzak lehengoak ez direlako. 0 Buli! asegura zaitez oinak bota barnean doazela. Gorputzaren beste atal guztiak gorde ditzakezu. Bale hortzak sortu zion pozak ihes egin zuen Buliren begietatik, ingurura zalantzatan begiratzen zuen bitartean. Baina oparia onartua zuen ordurako. —Zer garrantzi du ba misiolari batek! — esan zion Erirolak. —Egia da, zer garrantzi du ba! — erantzun zion Bulik, ia bere zalantzetatik irtenaz—Mongondrok izango ditu botak. Joan zaitezte zuetako hiru edo lau, gazteenak, eta bidean hatzeman ezazue misiolaria! Botak ekartzea ere ez ahantzi! —Beranduegi da — esan zuen Erirolak— Hara, hemen dator. Landare artean bidea irekiz, une hartan bertan sartu zen erdira John Starhurst, Narau atzetik zuela. Ibaia igarotzean urez bete zitzaizkien bota entzutetsuak, eta oinkada bakoitzean surtidore antza botatzen zuten ura. Starhurstek txinpartak boteaz begiratzen zuen bere ingurura. Fede tinko batek eraginik, zalantzarik eta beldurrik gabe, ikusten zuen guztiaz pozten zen. Bazekien munduaren hasieratik Gatokako zokoa zapaldu zuen lehen gizon zuria zela. Belarrezko txabolak mendi hegal aldapatsuan pilatzen ziren, edo Rewa aldean zintzilikatzen ziren. Herrixkaren bi aldeetara amildegi izugarriak irekitzen ziren. Gehienez ere eztarri zintzur estu hartan hiru ordutan sartzen zen eguzkia. Ez zen ez platanondo ez kokondorik, nahiz eta tropikoko landaredi trinkoak amildegiaren hertz berbera haietatik azken zokoraino, girlanda berdez tantaka bete, eta harkaitzaren zartadura bakoitzean koloretan lehertzen bazen ere. Zintzurraren sakonean Rewa ibaiak zortziehun oineko jauzia egiten zuen. Babestoki harkaiztsuaren atmosfera guztia ur saltoaren trumoi hots ritmikoek astintzen zuen. John Starhurstek Bulia eta bere jarraitzaileak txabolatik irteten ikusi zituen. —Berri onak dakartzat —izan zen misiolariaren agurra. —Nork bidaltzen zaitu? —galdetu zion Buliak lasaiki. —Jainkoak. —Inoiz ez dut entzun izen hori Biti Levun —erantzun zion Buliak irribarrez— Zein uharte, herri edo zintzurretan agintzen du? —Uharte, herri eta zintzur guztietako buruzagia da — erantzun zuen Starhurstek handikiro — Zeru eta lurren jauna da, eta ni bere hitza ekartzera etorri natzaizu. —Bale hortzen bat bidaltzen al dit? — erantzun zion lotsagabeki. —Ez, baina edozein bale hortz baino ederragoa da... —Buruzagien artean bale hortzak bidaltzea da ohitura — eten zuen Buliak—. Edo zure buruzagia zeken bat da, edo zu kirten bat zara, mendian esku hutsik sartzera ausartzean. Kontuz ibil zaitez, zu baino lehenago iritsi baita leialago bat. Eta hitz hauek esatean, Erirolak eman zion hortza erakutsi zion. Narau purrustaka hasi zen. —Ra Vaturen hortza da — marmartu zion Starhursti belarrira — Ongi ezagutzen dut. Galduak gara. —Zer begiramena Ra Vaturena! —erantzun zuen misiolariak bere bizar luzea leunduaz eta betaurrekoak jasoaz— Ongietorriak izan gaitezen dena antolatu du. Baina Narau berriro purrustaka hasi zen, eta ordurarte hain leialki jarraitu bazion ere, orain alderatu egin zen. —Ra Vatu Lotura bihurtzera doa — adierazi zuen Starhurstek— eta ni zuri berria ekartzera etorri naiz. —Zure Lotuaz ez dut ezer jakin nahi — esan zuen Buliak harro — Gaur bertan mazokadaka hil zaitezela erabaki dut. Buliak bere jarraitzaileetako bati keinu bat egin, eta honek maza bat eraginez urrats bat eman zuen aurrera. Narauk gertueneko txabolara ihes egin zuen emakume eta lastail artean ezkutatzeko, baina John Starhurstek jauzi batez maza saihestu zuen, eta besoak bere borreroaren lepoaren inguruan lotu zituen. Eta egoera honetan borrokan hasi zen. Bere bizia defendatzen zuela bazekien, baina ez zegoen ez urduri eta ez beldurturik. —Gaizki egingo zenuke ni hiltzea —esan zion eraso zuen gizonari— Ez dizut txarrik egin, ez zuri eta ez Buliari ere. Gizona hain ongi lotua zuenez, beste inor ez zen ausartu maza jotzen. Berak bere bizia defendatzen zuen, eta bere heriotza oihukatzen zutenekin eztabaidan hasi zen. —John Starhurst naiz — jarraitu zuen lasai — Hiru urtez lan egin dut Fijin eta inoiz ez nire onerako. Zuen artean on egitera etorri naiz. Zergatik hil behar nauzue? Nire heriotzak ez lioke inori onik egingo. Buliak begirada arin bat bota zion bale hortzari. Egitera zihoana oso ongi ordainduta zegoen, Misiolaria hura erasotzeko irrika bizian basati biluts saldo batez inguraturik zegoen. Labearen abestiak heriotza giroa zabaldu zuen, eta bere protestak ez ziren entzuten. Baina hain iaioki inguratu zuenez bera eraso zuen gizonaren gorputza, inork ez zuen jo ahal izan. Erirolak irribarre egin zuen eta Bulia sutan jarri zen. —Alde denok! Istorio ederra entzun behar dute itsasertzean! Dozena bat gizon ez zarete ausartzen emakume bat baino ahulago den misiolari arma gabe baten aurka, eta gainera denok menderatzen zaituzte. —Itxaron ezazu pixka bat Buli! — oihu egin zuen John Starhurstek indarkeriari utzi gabe —. Zu ere borrokatuko zaitut! Nire armak justizia eta egia direlako ez dago gizonik horien aurka ezer egin dezakeenik. —Gerturatu zaitez orduan — erantzun zion Buliak— maza soil batez bakarrik armaturik noanez eta zuk diozunez zure aurka ez dezaket ezer egin. Gizonak aldendu ziren, eta John Starhurst bakarrik gelditu zen, gerra maza bat sostengatzen zuen Buliaren aurrean. —Gerturatu zaitez misiolari, eta garai nazazu — erronka bota zion. —Gerturatu eta garaituko zaitut — erantzun zuen John Starhurstek betaurrekoak garbituz, sudurrean jarriaz eta etsaiarenganantz urrats bat emanez. Buliak maza jaso eta itxaron zuen. — Lehenik, nire heriotzak ez zintuzke ezertan lagunduko— hasi zen Starhurst. — Nire mazoak erantzun diezazula — erantzun zuen Buliak. Eta argudio bakoitzari erantzun bera ematen zion, baina misiolaria zaintzeari utzi gabe, eta armarekin nola eman bat-bateko danbatekoa pentsatuaz. Orduan konturatu zen lehen aldiz John Starhurst heriotza gertu zuela. Ez zuen ihes egiterik pentsatu. Burua soilik, eguzkitan zutik, ozenki otoitz egin zuen. Basatiarekin bere gordeleku guztietan nahiz ron botilaz, nahiz balaz, nahiz Bibliaz kontrajartzen den nahitaezko gizon zuriaren irudi misteriotsua zen berea. Eta honela egon zen John Starhurst Gatokako Buliaren gaztelu harkaitzsuan. — Barka iezaiezu ez baitakite zer egiten duten — otoitz egin zuen — Jauna, Fijiz urrikaldu zaitez. Irla honen errukia izan ezazu. Gure Jauna, bere heriotzez gizon guztiok zure seme izan gintezkeela agindu zenion Jesukristoren izenean entzun iezaguzu. Zuregandik gatoz eta zuregana itzuli nahi dugu. Lurra iluna da Jauna!, lurra iluna da. Baina zuk salba gaitzakezu zure erruki amaigabez. Zabal ezazu zure eskua Jauna eta salba ezazu Fiji, irla gizajale hau. Bulia ernegatzen ari zen. —Orain erantzungo dizut — marmartu zuen, maza bi eskuz eraginez. Narauk emakume eta lastail artean ezkutaturik, kolpearen hotsa entzun zuen eta dardaratu egin zen. Airean heriotzaren abestia altxa zen. Geroago jakin zuen bere misiolari maitearen gorputza erretzeko labera zeramatela, hitz hauek entzutean: —Kontuz arrasta nazazue, kontuz. Nire herriaren buruzagia naiz eta. —Eskerrak eman, eskerrak eman. Gero ahots bat bakarrik entzun zen zalapartaren erdian hau galdetuz: — Non da ausarta? Ehun ahotsek oihukatu zuten erantzuna. —Labera arrastatu dugu erretzeko. — Non da beldurtia? — galdetu zuen beste batek. —Berria ematera joan da — erantzun zuten ehun ahotsek —. Berria ematera joan da. Berri ematera joan da. Narauk entzun egin zuen espiritua larriturik. Abesti zahar hark zioena egia zen. Bera beldurti bat zen, eta ia ez zezakeen ezer egin, berria zabaldu besterik.
booktegi.eus Julene Azpeitia lehiaketa Bilduma honetan dauden ipuinak Durangoko Julene Azpeitia lehiaketak sarituak dira.Ilustrazioak: Imanol Larrinaga Termostatoa IPUINAK AURKIBIDEA Irakurketa miresgarria 6 Itziar Salaberria Larrauri 6 Itsasertzeko laguna 11 Paule Sanchez Arieta-Araunabeña 11 Pariseko argazkia 16 Ainara Monasterio Marcos 16 Zer pasatuko ote da? 27 Jasmina Garroño Elorriaga 27 Munduko lehen mikrofonoa 33 Iasmina Gorroño 33 Panpin huts bat naiz 47 Natalia Campo Dominguez 47 Zortzi urtez amestutako itzulera 53 Gontzal Alkorta Garai 53 Bizitzak ematen dituen sorpresak 60 Joana Etxebarria Uranga 60 Termostatoa 67 Idoia Aboitiz 67 Eguneroko Eguneroko 74 Ianire Gomez de Segura 74 Goian bego 82 Eñaut Uruburu Martinez 82 Inora ez zihoan bidea 88 Irati Besoy Bilbao 88 Haizeak esan zidan 93 Oihana Pinilla Arenaza 93 Irakurketa miresgarria Itziar Salaberria Larrauri 1988ko uztailaren hasiera zen. Bero izugarria zegoen eta egun askotako lehortea. Jendea oporretarako ilusioz zegoen. Jadanik, asko Kanariar irletara, Balear irletara, Saloura... joana zen. Jendea aurrera eta atzera zebilen bitartean, Mikel etxean zegoen, zer egin ez zekiela. Mikel, 16 urteko mutil gazte liraina zen. Begi urdin, ile hori eta ezpain sendoduna. Gainera, gorputz bikaina zuen. Neska ugari zituen atzetik, baina Mikelek ez zuen neskekin aritzeko nahirik. Mikel bere gurasoekin bizi zen. Seme bakarra zen eta amaren aldeko aitonaren iloba kuttuna gainera. Bere aitonak Andoni zuen izena. Honek 78 urte zituen, nahiz eta 60 bat eman. Gizon prestua zen. Hau ere, oso ederra izandakoa zen gaztetan, eta oraindik ere, zuen adina izanda, bere xarma mantentzen zuen. Mikel oso bakarrik sentitzen zen garai hartan, Bilbotik Bartzelonara bizitzera joatean lagun gabe aurkitzen baitzen, lagun bakarra bere aitona zelarik. Andoni urte askotan bizi izan zen Bartzelonan bere lanak bultzaturik, eta Mikelen aita ere aitonaren moduan lana zela eta hiri hartara joateko beharrean aurkitu zen. Uztailaren 6a heldu zen eta Mikel bere logelan zegoen zeharo aspertua, bere aitona logelan sartu zenean: - Epa Mikel. - Kaixo aitona... - esan zuen Mikelek ahots leunez. - Hori duk aurpegia! Asperturik al hago? - Bai, guztiz! Zer egin dezaket aitona? - Begira, nik hire adina nuenean, askotan sentitzen ninduan zer egin ez nekiela. Ba al dakik zer egiten nuen horrelako kasuetan? - Zer aitona? Esan mesedez! - Ba, abenturazko liburu bat hartu, eta horren kontakizunean kontzentratuz pasatzen nian denbora. - Jo aitona! Hori bai aspergarria! - Aspergarria? Begira, nik liburu bat utziko diat, baina ez pentsa edonolako liburua izango denik; liburu "magikoa" duk. - Hala, hala aitona! Mesedez! Jadanik ez naiz ume bat, 17 urte beteko ditut aurten. Orain dela 10 urte beno, baina orain ez ditut txorakeria horiek sinesten -esan zuen Mikelek gaitzetsita. - Ez dituk txorakeriak! -erantzun zion aitonak guztiz konbentzituta. Begira, liburu hori irakurri ondoren irakurtzeko grina pizten bazaik, egia esan dudala esan nahi dik, eta irakurtzeak oraindik amorrua sortarazten badik, hik nahi dituan hiru gauza eska iezazkidak. - Nik nahi ditudanak? - Mikelek pozik. - Bai, baina liburu osoa irakurri behar duk! Ulertu al duk? - Bai aitona! Nahi duzunean hasiko naiz Arratsalde hartan aitona liburuarekin agertu zen. Oso zaharkitua zegoen, eta orriek kolore horixka zuten. Mikelek liburua hartu eta bere hiru nahietan pentsatuz irakurtzen hasi zen: Munduan bazegoen oihan bat mapetan kokatu gabe zegoena. Oso oihan ederra eta handia zen, eta mota guztietako animaliak zeuden bertan. Egun batean... ...eta lokartu egin zen. Bere gorputza leku berean aurkitzen zen arren, arima kontakizunean sartua zuen. Poliki-poliki itzartu eta oihan baten barrenean zegoela ohartu zen. Harriduraren harriduraz, geldik geratu zen, zer egin ez zekiela, bere ondoan zuen zuhaitzaren adarretatik suge bat zetorkiola konturatu zen arte. Korrika hasi zen eta sugea bere atzetik zetorrela ikustean abiadura arindu zuen. Harrigarria zen suge hark zuen abiadura. Mikel oso azkarra izan arren, sugeak lehenago edo beranduago harrapatuko zuen, gero eta distantzia txikiagoa baitzegoen bien artean. Sugeak Mikel harrapatu behar zuenean zuhaitzetatik tximino bat agertu, eta Mikel besoetan hartu ondoren, oihanaren beste alde batera eraman zuen, eta zuhaitz baten gainean utzi. Mikel bakarrik utzi zuen eta, agertu zen bezalaxe, zuhaitz artetik desagertu zen. Mikelek amets gaizto batean zegoela pentsatu zuen, baina itzartzeko egin zituen ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren. Inpotentzia handia sentitzen zuen eta, aspaldiko partez, negarrez hasi zen. Bere tristuran murgildurik zegoela beste tximino bat agertu zen. Ez zen edonolako tximua, bazuen berezitasun handi bat: hitz egiten zekien. Mikelengana hurbildu eta hau esan zion: - Kaixo mutiko. Utzi negar egiteari eta kontaidazu gertatzen zaizuna. - Hitz egiten dakizu! –Mikelek harrituta. - Bai, hala da. Badakit oso arraroa gertatuko zaizula, baina... beno, gero azalduko dizut zergatik dudan ezaugarri hau. Orain, azaldu iezadazu zer egiten duzun. - Begira, aitonak liburu bat eman dit irakurtzeko grina pizt iezadan. Horrela liburua irakurtzen hasi naiz, eta lokartu. Itzartu naizenean oihanaren erdian aurkitu naiz eta suge bat agertu zait. Arineketan hasi eta ia sugeak harrapatu nauenean... zazt! Zu bezalako tximu bat etorri eta hona ekarri nau. - Beno, beno... betikoa da. - Zer esan nahi duzu betikoa dela esatean? - Badakit sinesgaitza gertatuko zaizula baina, irakurtzen ari zaren liburu horren istorioaren barnean zaude. - Istorioaren barruan? Begira, niri interesatzen zaidan bakarra etxera itzultzea da. Liburu horren barnean nagoela egia baldin bada... mesedez, nola itzul naiteke etxera? - Egin beharrekoa oso erraza da baina aldi berean oso arriskutsua. Badakizu oihan guztietan daudela lehoiak, baina leku honetan badago bat tximinoak hil eta jaten dituena. Benetan etxera itzuli nahi baduzu, lehoi hura hil beharko duzu –azaldu zion tximuak. - Eta hiltzen ez badut? - Hemen geldituko zara betiko eta ni bezalako tximu hiztuna bihurtuko zara. - Zuri ere gauza bera gertatu al zitzaizun, ba? - Bai, baina nik ez nuen lehoia hil. Mikelek zeukan ausardi guztia batu eta lehoiaren aurkako erasoa prestatzen hasi zen. Halako batean lehoia agertu eta borrokan hasi zen Mikelekin. Guda luze baten ondoren, Mikelek tximuak emandako lantza batekin hil zuen lehoia. Tximu guztiak saltoka hasi ziren, eta Mikel heroi bihurtu zen. Tximua hurreratu eta zera esan zion: - Oso adoretsua izan zara Mikel. Etxera bueltatu nahi baduzu, lo egin, eta itzartzean loak hartu zaituen tokian agertuko zara. - Eskerrik asko denarengatik. Ez dakit zer egingo nukeen zu gabe –Mikelek, esker onez. - Eskerrik asko zuri. Zugatik izan ez balitz lehoiaren beldurrez jarraitu beharko genukeen. Orain joan zaitez lasai –eta tximino guztiak aldendu ziren. Mikelek tximuak agindutakoa egin eta berriz ere etxean agertu zen bere amaren ahotsa sentitu zuenean. - Mikel! Ordua da mutil! Jadanik bazkaltzeko ordua da eta aitona ere gurekin dugu. Jantzi eta zatoz jatera! Mikel korrika jaitsi zen eta aitonarengana zuzendu zen esanez: - Aitona, irakurri dut liburua, eta arrazoia duzu, “magikoa” da! Baina... zergatik arriskatu duzu nire bizitza liburu horren barruan harrapatua izatera? –galdetu zuen serio. - Ez huen arriskurik. Gertatutako guztia idatzita zegok, eta irakurlea beti onik ateratzen duk. Berriro ere irakurriz gero, gauza bera gertatuko zaik, eta ezagutu berri dituzuen izakiek ez haute ezagutuko –azaldu zuen-. Zer, piztu al zaik irakurtzeko gogoa? - Bai aitona, batez ere liburu magikoak irakurtzeko gogoa. - Pozten nauk. Orain goazak bazkaltzera, ama haserretu egingo zaiguk bestela. Itsasertzeko laguna Paule Sanchez Arieta-Araunabeña Aspalditik ezagutzen dudan neska aparta da, eta ingurukoen konfidantza irabazia zeukan lehenengo egunetik. Gelara etorri zen egun berean, bere begi urdinek gu sorgindu gintuzten. Bakoitzak bere burua aurkeztu zuen eta gero bera, zailtasun gabe agertu zen, egunero 30 pertsonen aurrean hitz egingo balu bezala. Neska hark bere buruarekiko zuen konfidantza ikusita, berarengana hurbildu eta aurkezpen gehiago egin ordez, jendeak bere gauzak kontatzen zizkion betidanik ezagutuko balute bezala. Bitartean, neure txokotik hura miresten nuen eta era berean goitik behera aztertzen. Bitxia zen, oso bitxia. Edertasun berezi bat zuen, ez zen telebistan agertzen ziren neska horien antzekoa, guztiz desberdina antzematen nuen. Bere aurpegiak iluntasuna desagertarazten duen eguzkia zirudien, bere eskuek uso zurien hego parea, bere gorputza firin-faran dabilen haizearekin dantzan zegoen, oso pertsona alaia iruditu zitzaidan. Etxeratzean, ezin nuen matematikako klasean eman genuena gogoratu, bere irudia agertzen zitzaidan edonon. Han eta hemen ikusten nuen, beti ere jendeak inguratzen zuela. Irudi horrek barregura eta tristura sortarazten zizkidan. Barregura, kofesaleku batean sartua dagoen abade baten antza hartzen niolako eta tristura, bere barruko penak kontatzeko inor ez zuelako. Hala eta guztiz ere, neskarengana hurbiltzeko adorerik ez nuen. Gainera, laguntza behar izanez gero eskatu egingo zuela iruditzen zitzaidan. Ikasturtea aurrera zihoan eta jadanik udaberrian geunden. Neska honek hilabeteetan zehar sekulako aldaketa eman zuen. Kolore biziz janzten zen pertsona alai hura, kolore ilun eta hotzez jantzitako neska bilakatu zen. Erabateko aldaketa hark zeharo harritu ninduen. Nik pertsonak aztertzea gogoko dut eta bera ikustean autoestima lurretik zuela iruditu zitzaidan. Jendez inguratuta jarraitzen zuen, hala ere, ez zuen irribarrea galtzen. Halako batean, jendetza zabaldu eta nire aurrean ikusi nuen neska hura. Sei hilabete zeramatzan nire gelan eta oraindik ez nuen berarekin hitz bat ere gurutzatu. - Barkatu, zuk Jon duzu izena ezta? - Bai, hala da. -ezin nuen sinestu, bera! Bera niri hitz egiten! Ezagutzen ninduen! - Zurekin hitz egin behar dut. Gaur zazpietan kaian. -esan zidan. “Ezinezkoa, ez dut berarekin sekula hitz egin eta ez naiz agertuko” pentsatu nuen. Eguerdiko hamabiak ziren eta jadanik urduri nengoen. Ordu batak; berdin. Ordu bi eta erdietan; ezin egon. Laurak; buruan mila burutazio bueltaka. Seiak; ez noa... ez. Zazpiak laurden gutxi; urduri nago, ez naiz heltzen. Korrika nindoan eta zazpiak bost gutxitarako han, geratutako lekuan, nengoen. Banku batean eseri eta nire urduritasunak bertatik pasatzen zen mutil bati zigarroa eskatzera behartu ninduen. Zigarroa piztu eta hura erretzen nengoen bitartean, zertan ari naiz? Erretzen ni? Ez da etorriko, banoa. Lasai, agertuko da,... Nire buruak momentu batetik bestera eztanda egin behar zuela iruditzen zitzaidan. Minutu erdian sei aldiz begiratu nuen erlojua, zigarroa bukatu zitzaidan eta urduritasunagatik lur jotzera nindoan momentu berean neska agertu zen. Soineko berde bat zeraman soinean eta ile beltza, haizearekin solasean, sorbalden gainean pausatzen zitzaion. - Kaixo, Jon! - Kaixo! –erantzun nion ahots dardarti batez. - Zatoz paseatzera! Eskutik ebatu ninduen eserleku hartatik ipurdia jasoaraziz. - Badakizu? - Zer? - Haitz hartan nengoen olatu batek itsasoaren sabelera eramango ninduen egunaren zai –esan zuen. Nik ez nuen ezer ulertu. Eserleku hotz batean geunden biok. Bere begirada guztiz galdua zegoela iruditu zitzaidan, baina ez zen horrela. Begi urdinak eguzkira zuzenduta zituen, eguzkiaren edertasunak liluratua baitzuen. Itsasoa bare zegoen eta, sarritan bezala, olatuek hondartzan zeuden are aleak ureztatzen zituzten noizbehinka. Urrunean, emazteak lehorrean utzitako marinelen itsasontzi bat zihoan. Eguna benetan berezia zen. Ilunabar ikusgarria zen. Hondartzako pasealekuan zeuden eserleku jarri berrietako batean eserita, ortzera begira, bakoitza bere munduan guztiz murgilduta geunden. Denborak aurrera egin zuen eta nire lagunak esandako esaldi hura zebilkidan buruan tximeleta balitz bezala, ideia guztiak nahasten. Galdera ugari nituen, baina nola ausart nintekeen pertsona hura bere ametsetatik edonola esnatzen? Ezin nuen gehiago jasan, jakin-minak tripak jaten zizkidan. Beraz, arnasa hartu eta erantzungo ninduen itxaropenarekin zera galdetu nion: - Barkatu, baina, zer esan nahi zenidan esaldi hura aipatzean? Ez zidan erantzun, ezta begiratu ere. Geldi-geldi zegoen, seguruenik, bere baitan nonbait galdua. Ez dakit nola demontre, nire begiak ixten joango balira bezala sentitu nituen. Lo nengoen ala ez? Ez nekien ziur, ametsa hastera zihoan edo begiak zabaltzean laguna horizontera begira ikusiko ote nuen. Horregatik, begiak itxita uztea erabaki nuen. Urrunean ahots bat entzuten nuen baina, amets haietan gertatuko zena erakargarriagoa iruditu zitzaidan. Laino artean bezala sentitzen nintzen eta bat batean kolpe siku bat sentitu nuen besoan. Ez nion jaramonik egin dei hari, paradisuan sentitzen nintzen, kotoizko bola erraldoi haien artean. Begiak zabaltzeko ordua iritsi zen. Han, nire ondoan, ez nuen inor ikusi. - O! Ez! Kartazal bat zegoen, honela esaten zuen: Berezia zinela uste nuen. Zurekin hitz egitean, barruan gordetako samin guztiak askatzea pentsatua neukan. Ziur nago, zuk ere berezitzat zenuela zeure burua. Hala ere, oso erraza da norberaren burua engainatzea. Hala eta guztiz ere, ingurukoak denbora luzez engainatuta mantentzea oso zaila da. Ezin nuen sinestu irakurtzen ari nintzena. Haserreturik, etxera joan nintzen eta, gurasoak agurtu gabe, izendegian neska inozo haren telefonoa bilatzeari ekin nion. Hantxe zegoen, neurearen azpian. Deitu eta bere amari alaba etxean ote zegoen galdetu nion. - Kaixo, Jon naiz. Alaba etxean al da? - Bai, orain jarriko da. Une hori gogoratzen dudan unerik luzeena izan zen. - Kaixo, zer nahi duzu? –galdetu zidan ahots zakarrez. - Ba... begira. Kartazalean idatzitakoaz nire iritzia ematearren deitzen dizut. - Eta? - Arrazoi osoa duzu. Berezia sentitzen nintzen, baina, mundu honetako guztiak artalde berekoak gara nahiz eta ardi beltzak ere banaka ageri. - Zer esan nahi didazu horrekin? Nik berezitzat dudala neure burua? - Bai, halaxe da. Baina, ez pentsa horrela denik. Gaur guztiok oso antzekoak garela azaldu didazu eta! - Kaixo, Jon! –agurtu ninduen ahots lotsatiz. - Kaixo! - Barkatu atzokoa. Ez nekien zer egin lo zeundela konturatu nintzenean. - Ez du axola. Ni ere telefonoz pasatu egin nintzen. - Sentitzen dut, benetan. Benetako lagun baten premia nuen eta zu aproposena zinelakoan nengoen. Konfunditu egin naizela ohartu naiz, beraz, agur. –neska altxatu eta bere soineko beltza aldean zeramala aldentzen ikusi zuen. “Ezin nuen sinestu...” zioen ahots batek. “... bakardadearen itzalak jarraitzen ninduen...” ezaguna egiten zitzaidan ahotsa. “Itsasbazterrean nengoela, neure buruaz beste egitea pentsatu nuen...” Geroz eta ezagunagoa egiten zitzaidan ahotsa. Baina, norena zen? “Ez nintzen neure burua itsasora botatzeko gai, beraz, haitz hartan nengoen olatu batek itsasoaren sabelera eramango ninduen egunaren zai” Esaldi hura berriro! Orduan ohartu nintzen neska haren hitzak buruan geratu zitzaizkidala ni lo geratu nintzen egun hartan. Sinesgaitza benetan! Korrika ari nintzen neskaren atzetik. - Barkatu, inozo hutsa izan naiz. Zure laguna izatea gustatuko litzaidake. - Baina, zin egin ez garela sekula bananduko. - Zin egiten dizut. Hau duela urte asko gertatu zen. Hala eta guztiz ere, lagunak izaten jarraitzen dugu. Bera, ikasketa batzuk burutzen kanpoan da, baina astero idazten diogu elkarri eta oporretan munduko toki ezberdinak erakutsiko dizkidala zin egin dit. Pariseko argazkia Ainara Monasterio Marcos Udan hamazortzi urte betetzen genituen nire koadrilako lagunek eta nik. Hori ospatzeko Parisera bidaia bat egitea erabaki genuen. Baina uda hura ez zen besteak bezalakoa izan, ez bakarrik egiten genuen lehenengo bidaia zelako, ezta hamazortzi urte egiten genituelako, baizik eta, Parisen egindako argazki batek nire bizitza osoa aldatu zuelako. Parisen oso ondo pasatu genuen nire lagunek eta nik, argazki asko atera genituen, lagun berriak egin genituen, Eiffel dorrea ezagutu genuen... Bertan uda osoa pasatu genuen eta etxera itzultzean amari egin genuen guztia kontatu nion. Opariak poltsetatik atera eta argazki karretea eramatera joan nintzen argazki dendara. Bertan hurrengo egunean itzultzeko esan zidaten. Hurrengo egunean gosaldu ondoren egin nuen lehenengo gauza argazki dendara joatea izan zen, irrikitan nengoen Eiffel dorrea atzean geneukalarik atera ziguten argazki hura ikusteko, beldur nintzen argazkiak hartu eta argazki berezi hura ez irtetea, baina nire beldur guztiak argazkia ikusi nuenean desagertu ziren. Argazkia eskuartean neukan eta begirada arin bat eman nion. Autobusa irteteko prest zegoen. Geroxeago etxean lasai-lasai ikusiko nituen guztiak. Etxera heldu eta argazki guztiak ikusi nituenean lagunarte osoa agertzen zen argazki hura bigarren aldiz hartu nuen eskuartean. Begiratzen hasi eta koadrila osoaren atzealdean ikusitakoak ileak puntan ipini zizkidan eta hotzikarak sortarazi. Argazkiaren atzealdean gauza beldurgarri bat ikusi nuen, ile horidun gizon lodi batek neska bat laban batez hiltzen ari zen, eta berehala gogoratu nintzen egun haietako albiste nagusiaz: Parisen pertsonaia ospetsu baten alaba hil zutela. Egunkari guztietan neskaren argazkia zetorren eta etxeko egunkaria hartu eta nire argazkiko neskarekin konparatu nuenean neska berdina zela konturatu nintzen. Egunkarian Pariseko komisaldegiko telefono zenbakia zetorren eta zerbait zekienak bertara deitzeko ipintzen zuen. Telefonoa hartu eta deitu egin nuen, eta Parisera joateko agindu zidaten. Bi egun geroago Pariseko komisaldegian nengoen nire argazkia eskuartean neukalarik. Bertan nire laguntza oso mesedegarria zela esan zidaten eta Parisen geratzeko beste gauza batzuetarako deituko zidatelako. Hurrengo egunean albistea egunkari guztietan atera zen eta horrek nire bizitza txarrera aldatu zuen. Albistea egunkarietan irten eta hurrengo egunean norbaitek toki guztietara eta momentu guztietan jarraitzen zidala iruditzen zitzaidan. Aste osoa pasatu nuen kaletik nindoala atzera begiratuz eta oso urduri. Aste hura pasatu eta hurrengo egunera gutun bat heldu zitzaidan. Zabaldu egin nuen lagun baten gutuna zelakoan, baina ez zen horrela izan. Gutunak hauxe zioen: ARGAZKIA HARTU ETA PARISETIK EZ BADUZU ALDE EGITEN, GORRIAK IKUSIKO DITUZU”. “ZURE AMETS GAIZTOA”. Oso ikaratuta geratu nintzen eta segidan komisaldegira abiatu nintzen. Bertan hiltzaileak beldurra sartu nahi zidala esan zidaten eta lasai egoteko ez baitzidan ezer egingo. Hori esan zidatenean zerbait lasaitu nintzen baina nire buruan bueltaka zebilen gutun horrek zioena. Paris hiria bestean baino hobeto ezagutu nahi nuen eta horretarako kotxe bat alokatu nuen aste osorako. Egun osoa pasatu nuen kotxearekin bidaiatzen eta erosketak egiten. Gabean hotelera itzuli eta oso nekatuta nengoenez ohera sartzea erabaki nuen. Segidan lokartu nintzen eta gauerdian lo gustura nengoelarik telefonoaren txirrinak jo zuen. Nor izango ote zen ordu horietan deitzeko? Telefonoa hartu eta ahots misteriotsu batek bertatik alde egiteko esan zidan eta segituan eskegi zuen, ni izututa geratu nintzen, nor zen? hiltzailea izango ote zen? Ez dakit nor zen baina deiaren erruz ez nuen gau osoan lorik egin. Oso txarto pasatzen ari nintzen, eta gau osoan denetarik pentsatzen eman ondoren, azkenean, egunaren hasiera iragartzen zuen eguzki izpi bat nire leihotik sartu eta nire logelari, hainbeste alaitzen zidan argitasuna eman zion. Txoriak ere abesten hasi ziren eta honek egun zoragarria egingo zuela iragartzen zuen. Jantzi, gosaldu eta komisaldegian deiaren berri ematea erabaki nuen. Kotxea hartu eta komisaldegira heltzean norbaitek dei misteriotsu bat egin zidala gauerdi aldera eta oso izututa nengoela esan nien. Beraiek hiltzailea izan zitekeela esan zidaten eta, arriskutsua izan zitekeenez, nire atzetik beraien gizon bat gau eta egun egongo zela esan zidaten. Ni asko lasaitu nintzen hura entzutean baina ez nengoen guztiz lasai, gizon hura oso indartsua zelako eta polizia honi zerbait egin ahal ziolako. Gizon hura atzean neukan gau eta egun, eta oso lagun onak egin ginen. Horrela hilabete oso bat eman nuen, baina denbora horretan ez zuten hiltzailea harrapatu. Baina, guztiak txarrera egin zuen hilabete hura pasatu eta gero. Gau batean etxean gelditzea erabaki nuen, ez zuelako oso eguraldi ona egiten eta gainera ez neukan irteteko gogorik. Gizona nire atearen kanpoaldean geratu zen beti bezala eta ni, hamabiak aldera, telebista apur bat ikusi ondoren, ohera sartu nintzen. Halako batean nire pisuko karrikan zarata bat entzun nuen, kanpora irtetea erabaki nuen gizonari ea zer gertatzen zen galdetzeko eta, hotza ez pasatzeko zerbait ipintzen ari nintzenean, nire logelako atea zabaltzen ari zela ikusi nuen. Polizia izango zela pentsatu nuen eta bat batean dena beltz ikusten hasi nintzen. Ez zen polizia, hiltzailea baizik, gizon madarikatu hark ni bahitzea erabaki zuen ez bainituen bere esanak bete. Asko ahuldu nintzen ez bainuen ia ezer jaten eta, gainera, ni nengoen toki hark deprimitu egiten ninduen. Toki hartan ezin nuen egunero kontu guzti harekin jarraitzeko indarrak ematen zizkidan eguzki izpi haiek ikusi, ezin nituen askatasunaren kantuak entzun, txorien kantuak. Bizitzeko gogoak joan egin zitzaizkidan eta erokeri bat egiteko zorian egon nintzen, baina ez nuen ezer egin udan pasatutako momentuetan pentsatzen nuelako, maite nituen pertsona guztietan pentsatzen nuelako, eta azken finean gauza on guzti haiek berriro bizi nahi nituelako eta konturatzen nintzelako bizitza maite nuela. Aste oso bat egon nintzen bahituta, poliziek ez nindutelako aurkitzen eta bahituta egon nintzen denbora labur hartan, nahiz eta niri urteak iruditu, bizitzaren zentzuaz pentsatzen jardun nuen. Zertarako bizi, maitasunaren hiria deitzen dutenera etorri eta argazki batengatik nire bizitza osoak txarrera egin bazuen? Zertarako bizi maitasunaren hirian, sentimendu hau sentitu beharrean gorrotoa eta tristura sentitzen banuen gizon madarikatu batek inolako arrazoirik gabe pertsona bat hil zuelako eta ni bahituz neure eskubide guztiak zapaltzen zituelako? Guzti hau pentsatu ondoren biziak ez duela aldatu behar pertsona batek mindu nahi zaituelako pentsatu nuen. Horrela aste oso bat eman nuen. Zortzigarren egunean, uste dut zortzigarrena zela, ez bainituen kontuak eramaten, neure azken egunetako pentsamenduetan murgildurik nengoela, atearen beste aldean zarata gogor bat entzun nuen eta geroago oihu handiak entzun nituen. Poliziak ni bahituta nengoen tokia aurkitu zuen eta ni ateratzera joan zen. Azkenean ikusiko nituen bizitza ematen zidaten eguzki izpiak eta alaitasuna ematen zidaten txori kantuak ere entzungo nituen. Azkenean askatasun anderea besarkatu ahal izango nuen. Poliziek ni “zaintzen” ninduen pertsona atxilotzera joan zirenean, hark ni hartu eta bertatik irtetekotan zegoenean nik gizon hura despistatzeko mugimendu handi bat egin nuen eta berak pistola hartu eta tirokatu egin ninduen. Berriro ere gaua, berriro ere iluntasun beldurgarri hura, berriro ere bizitza galtzen nuela sentitzen nuen, berriro ere askatasunak galdu zuen heriotzaren kontrako borroka, berriro ere preso, preso nire buruaren barnean, nire pentsamenduen barnean. Erietxera eraman ninduten eta bertan oraindik presoago sentitzen nintzen, etzanda bainengoen makina guzti haien artean. Min izugarria sentitzen nuen buruan eta bular aldean, eta gero eta ilunago ikusten nuen dena. Ez zen ez, denek esaten duten moduan, heriotzarako bide hura zuri kolorekoa, guztiz alderantzizkoa zen dena. Oso ilun ikusten nuen, eta pasabide hura inoiz ez zela bukatuko pentsatzen nuen. Mugitzen ez nintzela ematen zuen. Nire ama erietxera heldu zenean, bera nire gelan sartzerakoan oso triste zegoela sumatu nuen. Nire ondoan eseri eta negarrez hasi zen. Hitz egiten hasi zitzaidan eta nik erantzun nahi izaten nion baina ezin nuen. Nire ahoak ez zuen inongo zaratarik ateratzen, iluntasun hark ikusmena eta hizkera kentzen zizkidan. Bi egun oso larri pasatu ondoren, halako batean, nire pasadizo beltz hura argitzen hasi zen eta dena gero eta argiago ikusten hasi nintzen. Bat batean argitasun hura bukatu eta pertsona baten aurpegi zurbil hura ikusi nuen. Ez , ez zen ametsa, begiak zabaldu nituen eta nire ondoan oso itxura txarra zeukan emakume bat ikusi nuen. Niri muxuka hasi zitzaidan eta nik medikuari non nengoen eta emakume hura nor zen galdetu nion. Nire ama zen baina nik ez nuen ezer gogoratzen, medikuak esan zuenez tiroak burua jo zuenez amnesia sortu zidan, eta medikuak hori esan bezain laster, ama negarrez hasi zen bere umetxo txikiak bera ez zuela gogoratzen esanez. Bizitza errekuperatu nuen bai, baina zertarako errekuperatu bizitza pasadizo ilun hartatik irten eta ez baduzu inor ezagutzen eta zu nor zaren ez baduzu gogoratzen? Ez nekien nor nintzen, ez nekien non nengoen eta ez nekien zer gertatu zitzaidan erietxean egoteko. Erietxean denbora asko pasatu nuen eta amak psikologo baten laguntzarekin egunero memoria berreskuratzen laguntzen zidan. Pixkanaka-pixkanaka dena gogoratzen hasi nintzen eta terapia hasi eta bi hilabetetara guztiz osatuta nengoen memoria aldetik, baina fisikoki ez nintzen oraindik errekuperatu, bular aldean jo zidan tiroak batetik bestera zeharkatu ninduen eta bertebra bat ukitu zidan ni betirako eserita utziz. Ezingo nuen nire lagunekin jokatzen nituen partiduak jokatu, ezingo nuen lehen dantzatzen nuen bezala dantzatu eta txarrena, ezin izango nuen hainbeste gustatzen zitzaizkidan nire herrialdeko mendiak berriro igo, ezingo nituen mendi tontorrean txori askeen kantuak sentitu eta ezingo nuen mendi tontor hartan txoriek daukaten askatasunaz gozatu. Erietxetik irten nintzen eta modu batean askatasuna berreskuratu nuen. Berriro ere besarkatu nezakeen, baina oraingoan ez nuen besarkadaren indarra sentitzen, ez nintzen guztiz aske sentitzen nire bizitza osoa eserita pasatu behar bainuen. Erietxetik irten nintzenean poliziek hotelera gizon bat bidali zuten ni komisaldegira joateko eta tirokatu ninduen gizona hiltzailea zen esateko. Komisaldegira heldu nintzenean gizon hura ikusi eta hotzikarak sentitu nituen. Poliziei bera izan zela tirokatu ninduena eta neska hura hil zuena esan nien, eta gizona hartu eta epaitu egingo zutela esan zidaten. Nik epaiketara geratzea erabaki nuen ematen zioten zigorra ikusteko. Behin-betiko zigorra eman zioten eta ni oso pozik jarri nintzen hain txarto sentiarazi zidan gizon hura kartzelan sartuko zutelako. Herrira itzultzea erabaki nuen. Herrirako bidaian zehar asko pentsatu nuen. Nire lagunek ez zidaten lehen bezala tratatuko eta, ziur aski, ez zuten gehiago nirekin egon nahi izango ni jesarleku berezi hartan eserita nengoelako. Herrira heldu ginenean koadrila osoa nire etxean azaldu zen niri ongi etorri jaia emateko. Denak berdin zeuden, denak ni izan ezik. Ez ninduten berdin tratatzen: pertsona ezindua banintz bezala tratatzen ninduten, baina ni ez nintzen ezindu bat, ni betirako eserita egongo nintzen pertsona bat nintzen, betiko pertsona berdina nintzen. Herrian bertan ere desberdin tratatzen ninduten, ogia erosterakoan nire ordez ordaintzen saiatzen ziren baina ni haserretu egiten nintzen eta nik egin nezakeela esaten nien. Hau gauza guztiekin gertatzen zen. Denborarekin egoera hau normaltzen hasi zen eta herriko denek beti bezala tratatzen ninduten. Orain mendira joan beharrean hondartzara joaten nintzen eta bertan mendi tontor haietan sentitzen nuen askatasuna, aire garbia eta txorien kantuak sentitzen nituen eta gainera hondartzan itsasoak zuen askatasuna sentitzen nuen eta erietxetik irteterakoan galdu nuen askatasun zatia ere berreskuratu nuen. Behin Frantziatik gutun bat heldu zitzaidan eta bertan hil zuten neskaren gurasoek barkamena eskatzen zidaten bere alabaren hiltzailea aurkitzeagatik pasatu nituen gauza guztiengatik eta eskerrak ere ematen zizkidaten esanez beraien etxera joateko egun batzuk pasatzera. Nik ezetz erantzun nien geroago bidali nien gutun batean eta ez nuela Frantziara joan nahi bertan pasatu nuen infernua ez nuelako berriro gogoratu nahi, lurralde haiek bertan bizi izan nuen guztia gogorarazten baitzidaten, besteentzako maitasunaren hiria zena niretzako ametz gaiztoaren hiria zen, denak amets gaizto bat baino ez zuelako ematen. Ni ez nintzela joango esan nienez beraiek etortzea erabaki zuten, astebete barru iritsiko zirela esan zidaten. Beraien bigarren gutunean esan zidaten bezala aste bete pasatu eta gero iritsi ziren. Aste bete horretan barkamena behin eta berriz eskatu zidaten eta nik pertsona bat hiltzeko eta beste bat tirokatzeko gai den gizon batek kartzelan egon behar zuela esaten nien. Berak nire askatasunaren zati bat kendu zidanez nik ere bere askatasuna kentzea erabaki nuen. Pertsona haiek oso famatuak zirenez egunkarietan irten ziren: Ni ere beraiekin nengoen eta nire burua egunkari batean ikusteko egun horretako egunkaria erosi nuen. Nire argazkia ikusi eta honen azpian guztiz ikaratu ninduen albiste bat irakurri nuen: “PARISEN EUSKALDUN BAT BAHITU ETA TIROKATU ZUEN GIZONAK IHES EGIN DU KARTZELATIK BART GAUEAN” Oso izututa geratu nintzen gizon hura nire herrira etorri zitekeela pentsatzen nuelako. Amak eta nire lagunek hori ezinezkoa zela esaten zidaten inork ez baitzion esan ni non bizi nintzen. Nik berak hildako neskaren gurasoak herrira etorri zirenean egunkari guztietan etorri zela esan nien eta bertan herriaren izena ere ipintzen zuela esan nien. Albistea entzun eta ondorengo bi asteetan oso urduri sentitzen nintzen, hiltzailea nire atzean zegoela pentsatzen bainuen. Bi aste horiek pasa eta gero, ostegun guztietan bezala, hondartzara joan nintzen lagun batzuekin. Beraiek argazki kamera eraman nahi izan zuten, baina ez nien utzi, istorio hau argazki kamera batengatik hasi baitzen eta, honela, bideo kamera eraman zuten. Hondartzara heldu ginen, eta lagunak uretan zeudela grabatu nituen. Gero saskibaloian jokatzera joateko esan nien eta, batek, ni eta besteak saskibaloian jokatzen grabatu gintuen. Asko nekatu nintzen. Deskantsatzen ari nintzela, lagun batek ni grabatu jardun zuen. Grabatzen zegoela oihu egin zuen atzetik gizon bat zetorkiola. Nik buelta eman eta hiltzailea zela ikusi nuenean, korrika irteten saiatu nintzen, baina saiakera horretan jesarlekutik erori eta gizona hurbiltzen zitzaida la ikusi nuen. Nire lagun batek baloia hartu eta burura bota zion eta hiltzailea lurrera erori zen konortea galduz. Bitartean beste lagun batek poliziari deitu zion eta gainerakoek nire jesarlekuan esertzen lagundu zidaten. Polizia heldu zenean gizona atxilotu eta kartzelara sartu zuten. Orain dela aste bat gizon hark bere buruaz beste egin zuela enteratu nintzen. Dena amaitu da, baina ez nire egoera hau, ni betirako jesarleku honetan egongo naiz. Hau alde batera utziz, jendeak ni ondo nagoela pentsatzen du, baina ez da horrela, argazki hura ikusten dudan bakoitzean askatasuna galtzean zer sentitzen den gogoratzen dut. Heriotzaren ateetan egotea zer den gogoratzen dut eta, txarrena, nor zaren ez gogoratzean zer sentitzen den gogoratzen dut, eta negarrez hasten naiz argazki madarikatu batek pertsona baten bizitza nola aldatu dezakeen ikusten dudanean. Ordutik aurrera askatasuna inoiz baino gehiago estimatzen dut. Zer pasatuko ote da? Jasmina Garroño Elorriaga “Jaun andreok, jarraian Bilbotik datorkigun Elena Balentziaga disenatzaile gaztearen modeloak ikusgai izango dituzue. Txalo bero bat!” Ai ama, zer pasatuko ote da? Hor doa Judith Hermoso belaunerartinoko setazko “kasaka” zuriaz, kolore berdineko prakekin eta sandaliekin. Segidan, Marta Aperribai “sari” antzeko soineko gorri batekin eta setazko buruko fular laranja biziarekin. Hementxe nago eszenatoki atzean geldi, tente eta beldurrak airean. Galdetuko duzu irakurle zergatik demontre nagoen egoera honetan. Gaztea naizelako? Ba, ez. Berria naizelako honetan? Ezta. Minutu pare bat badaukazu kontatuko dizut guzti honen zergatia. Duela 10 urte gutxi gora behera hasi zen kontu hau guztia. Irene nire ahizpak erropa konponketen lokal txiki bat zeukan Bilboko Somera kalean, eta nahiz eta egunero lan txikietan jardun, inauteri sasoia heltzerakoan bezeroek praka barrenak hartzea baino zerbait gehiago eskatzen ziguten. Jai hauetan, nire txikitako paperezko panpinei egiten nizkien jantziak praktikara eramateko aukera izaten nuen tela eta tamaina errealetan, eta gure bezeroak pozez gainezka, Bilbo osoko mozorrorik deigarrienak eramaten zituzten. Ondorioz, ahoz aho hasi zen zabaltzen “Irene konponketak” dendan egiten ziren txikikeria handiak. Holan, jendea mozorroak ez ezik, trajeak, prakak, gonak, soinekoak... eskatzen hasi zitzaigun. Irenek eta biok beharra jo ta ke egin genuen urte askotan zehar, eta azkenean, lortutako arrakasta ikusita, gure modelo propioak lokal berri eta handiago batean egitea erabaki genuen. Egun batean, Bartzelonan, pasarela bat gauzatzeko zirenez, bertako antolatzaileek gonbidatu gintuzten gure modeloak erakustera. Birritan pentsatu gabe gonbidapena onartu eta joan egin ginen. Jendeari gustatu egin zitzaion gure lana, horregatik Milanera etorriak gara aurten. Sei hilabete osoz ni eta Irenetik aparte beste hiru lagun egon dira lanean desfile hau prestatzen, oihalak aukeratu, diseinuak egin, moztu, josi, neska egokiak hautatu... Eta dena ondo zihoan atzo goizerarte. Goizeko zortzietan irten zen abioia. Hamarretan Milanen nintzen, bost minutu beranduago zinta mugikorraren aurrean nengoen maleten zain egun handi hartarako jantzi guztiak bertan gordeak nituelarik. Han egon nintzen adi-adi, geldi, karroa parez-pare neukala zarata bat entzun nuen arte. Halako batean, maletak pon, pon... hasi ziren jauzten banan-banan eta astiro-astiro: larruzko marroixka bat,”sansonite” gorri gogor bat, norena ote zen?, mendiko motxila more luze bat, umeentzako karrotxo bat... non ote daude nireak? Pentsatu nuen. Zergatik ez datoz? Hauek, Iberiakoek ez daukate ganorarik! Mekauen zotz! Beti berdin! Kobratzen dutenarekin eta gainera hau!... Banketxe batek oparitutako telazko maleta berde erdi tintatu bat... ene! Zelako txerrikeria! Zeini bururatu dakioke atun pote bat olioz beteta ekartzea! Ziur asko maleta beltz ziztrin horretan etorri da, kremailera erdi zabalik dauka eta. Beno, pazientzia galtzen hasia naiz, non Kristo daude nire maletak! Badaramatzat gutxienez hamar bat minutu hemen eta ez dago ezelako arrastorik. Ai,ai,ai,ai, falta zena, katea geratu egin da! Zer esan nahi du honek, maleta gehiago ez dagoela? Eta nireak? Hogei ordu falta ziren desfilea hasteko. Zeozer egin beharra neukan. Irene hemen egongo balitz beste kuku batek joko luke, pentsatu nuen neure kautan. Ezkerreruntz begiratu eta ez zegoen inor. Aurrean ere ez. Eskumatara aldiz, haserre itxura zeukan gizonezko beltzaran bat, hark ere karroa hutsik. Zorigaitzak ematen duen solidaritatearekin hurbildu nintzaion galdezka ea berari ere ekipaia falta ote zitzaion. Baietz erantzun, eta biok batera, eskuz esku maletak erreklamatzera abiatu bertako bulegoko andre edadetu batengana. Hau antza, oso ohituta zegoen gulako jendearen haserreak eta zaratak entzuten, eta lasai-lasai esan zigun maletak ziur asko beste lekuren batean egongo zirela, paperak betetzeko, eta telefonoz deitzeko lau ordu pasa eta gero. Honenbestez, bazkalordua zen lez, zerbait jatea eta ahalik eta lasaien itxarotea erabaki genuen. Nire kidea Angelo deitzen zen (eta deitzen da), eta India eta Pakistaneko erropak saltzen zituen Milaneko alde zaharreko dendatxo batean. Kontatu zidanez, bost urtez lan honetan ziharduen eta bezerorik onenak hippy ohiak ziren. Behingoz pasatu ziren lau orduak eta berriro andre harengana bueltatu ginen maleten berri jakiteko, eta bazeukan hauen berri. Oraingoan bai, oraingoan bazeukan maleten berri. Maletak Melbournerako (Australia) bidean zihoazen eta gutxienez beste egun bi beharko zituzten itzultzeko. Hori entzun nuenean, odolik gabe geratu nintzen, zuri-zuri. Zertarako hainbeste lan? Zer esango nien nire lankideei? Eta Ireneri? Angelok nire egoera ikusita, errukia hartuta berarekin joateko esan zidan, zelan edo halan konponbideren bat topatuko genuela esanez. Niri momentu hartan bost axola, ez neukan erreakzionatzeko gaitasunik eta automata baten moduan atzetik jarraitu nion. Kristalezko ate automatikotik pasatu eta kalera irten ginen taxi bat hartzekotan. Ez nintzen ezer ikusteko ezta ezer entzuteko gauza. Konturatu orduko, Angeloren egongelako sofa laranjaren ertz batean jesarrita nengoen. Denbora pasa zen antza, eta Angelok dendara joan beharra zeukala esan zidan, eta nahi izanez gero berari laguntzeko. Dendako atea pasatu bezain laster konturatu nintzen zer posibilitate zituzten hango erropek: setazko soineko luzeak, linozko koloredun alkandorak, kotoizko praka freskoak, birx-birxdun txaleko laburrak, elefantez hornituriko poltsa distiratsuak... udaberri zein udarako erabat aproposak. Orduan, nire burutik pasa zitzaidanaren berri eman nion Angelori, eta honek, bere agin zurixkak agerian uzten zituelarik, irribarre zabal batez nahi nuena har nezakeela erantzun zidan. Arratsalde, gau eta goizalde osoa pasatu dut pentsatzen zer nolako konbinaketak egingo nituen Angeloren erropekin, baina modeloak etorri direnean, neuzkan zalantza guztiekin bukatu dut. Orienteko janzkerara itzultzea proposatuko diet ikusleei. Hementxe nago, eszenatoki atzean geldi, tente eta beldurrak airean. Zer pasatuko ote da? Zein izango da ikusleen erreakzioa? Munduko lehen mikrofonoa Iasmina Gorroño 1901ean konektatu ninduten mundu honetara. Eta beno, egia esan, nongoa naizen galdetuz gero, zerbait esan beharra dagoelako, austriarra naizela esan arren, zintzoki diotsut, ez nukeela sekula santan jakingo galdera horri erantzuten, hemengo bezain hangoa naizelako nahiz eta gaur egun Bilbon bizi. Bertara etorri nintzen edo ekarri ninduten New Yorkeko Manhattan sagar handiaren bihotzaldetik. Bizitza osoan zehar, normala den legez, denetariko sentimendu arrotzek inbaditu izan naute: beldurrak, pozak, gorrotoak... eta lanpostuz, behin baino gehiagotan aldatu izan dut. Orain berriz, erretiratuta nago, zentimorik gabe, eta INSERSOn sartuta, preso. Erreuma txerri honegatik ez balitz, dirua izanen banu, eta aske egongo banintz, nork daki! Agian, neu ere “Benidorm” delako horretara joango nintzateke, diskotekako eszenatoki erraldoi horietako erdialdean jarri, eta gaztea nintzenean bezala, baten baino gehiagoren bihotzak konkistatuko nituzke. Baina, ametsak amets. Azken finean, hain nago ugerrak janda, beldur naizela mugitzeko ere! Lehen esan bezala, 1901ean jaio nintzen Austriako Salzburg herrian. Nik, garai haietako izarrak, makina bat begirale neuzkan atzetik eta ez nintzen ez edonolako gauza: “Bit Roler” bat nintzen. Munduko lehenengo mikrofonoa. Bai horixe! Hasera batean, Henri Austerlich-en atzaparretan erori nintzen. Bera, dendaria zen ofizioz, eta ni berriz, haren familia aurrera aterako zuen erreminta. Horrela, bere “boutique” musikaleko erakusleihoan pasa nituen egun bat, bi... harik eta gizon oso dotore bat begira-begira gelditu, ezkerraldeko ateari bultzakada bat eman, eta zera esan zuen arte: - Gutten morgen, Henri! Horko tramankulu hori nahi dut! Gauzak horrela, konturatu orduko, gizon dotore haren bulegoan nengoen. Fisher Hamburg-en bulegoan. Udaletxean. Alkatearen bulegoan. Eta han egon nintzen 1914ean Lehen Mundu Gerra hasi zen arte. Hainbat eta hainbat austriar bezala, Fisher, alemanen alde jarri zen. Eta besterik gabe, alemanekin aliatu, eta fronte errusiarraren aurka borrokatzera joan zen, ni lagun ninduela. Ez dut sekula ahaztuko han bizitakoa! Han zen tiro hotsa: dinbi-danba! Odola, zauriak, gosea, tristura, negar-anpuluak, mina, beldurra... denak batera koktelizatuta sentitzen genituen gure bihotzetan eta era hontara igaro genituen zenbait hilabete, errusiarrek preso hartu gintuzten arte. 1916ko abenduan, Fisher-ek, geneukan egoeraz erabat jabeturik, eta alemanekin elkartzeaz nolabait damuturik, ihes egiteko zeukan asmoaren berri eman zidan. Ni ados, baina nola egingo genuen ihes errusiarrengandik? Ja! Horixe zen asuntoa! Fisherrek, lagun siziliar bati, Cantucciniri hots egin, eta ihesa antolatzeari ekin zioten: honek soldadu errusiarrekin hitz egingo zuen, Fisherrek gaixotasun sendagaitz oso kutsakor bat zeukala esan zien: “meningitisa”. Eta planak funtzionatu egin zuen! Soldadu errusiarrek ez zutelako nahi inolako gaixotasun larririk euren artean, nahikoa buruhauste baitzeuzkaten gerraren nondik norakoekin. Cantuccinik, Fisher eta biok Siziliaranzko bidean jarri gintuen. Eta egia gordina aitortu behar badut, Fisherren asmoa ez zen Siziliara joatea Egiptora baino. Azken aspaldian, Hamburg jaunak, aberasteko ametsa zuen. Egiptora joango zen, milaka eta milaka urte zituen sarkofagoren baten jabe egin, museo bati edo kolekzionistaren bati saldu, eta luzaro trankil eta aberats biziko zenaren asmoa. Napolesko portuan, Egiptorantz abiatzekotan zen itsasontzia hartu genuen, eta Kairora heldu eta batera, maleta gelan lagata, kalera irten ginen. Hura zen zoramena hura! Ezkerraldera begiratuta, segur aski hiriko aberatsena izango zenaren “Ford” markako kotxea antzeman zitekeen. Eskumaldera so eginez, laranjak saltzen zebilen gizona karrotxoaz aldamenean. Atzealdean aldiz, artaldea ahuntzekin nahastua, ume bik gidaturik. Koptoen auzunera joateaz gain, eta hildakoen hiria bisitatzeaz aparte, “Khan Il Khalili” merkatura joan ginen “ganga”-ren bat aurkitzekotan. Urrea, zilarra... barra-barra zegoen; inoiz ikusi gabeko zetazko tela fuksia, gorri, laranja, urdin orlegiak; turkesa harriaz egindako kakarraldoak; usai exotikodun espeziak (azafraia, pimenta beltza...); lotozko eta jasminez gauzaturiko esentziak... Espeziak espezia, eta esentziak esentzia, beste itsasontzi bat hartu eta Nilon barrena kruzerotxo bat egin genuen Luxor-en hasi eta Aswan-en bukatuz. Bidaia hartan ikusi genituen ni baino mila eta bat aldiz handiagoak ziren erraldoiak, inoiz izango ez dudan pinturez eta hieroglifikoz hornituriko hilobia, Tutankhamon ospetsuaren altxor ikusgarria, harri bakarrez eraikitako hogeita hamar metro baino gehiagoko zutabeak, tenpluak... Egunak joan egunak etorri, bla-bla-bla, bla-bla-bla, azkenerako, bidaiari bakoitzaren biografia osoa genekien, edo ia gehiena bai behintzat: bazen Parisko unibertsitate batean irakasle lan egiten zuen 62 urteko emakume oso argi bat; Elodie Dupont. Bazegoen baita, ama-semeez osaturiko bikote bat. Ingeles aberats-aberatsak ziren hauek. Emakumea, Elisabeth, alarguna zen, eta semea, Charles berriz, Cambridge-eko unibertsitatean medikuntza ikasten zebilen ikaslea. Hala ere, nire ustez, lehenengo urtean zebilen, praktika gutxi nabaritzen zitzaiolako. (Sukaldariek prestatzen zituzten buffet-etan, sekulako entsalada platerkadak jan, eta bigarren egunerako kristolako beranzkoa harrapatu zuten bai berak eta baita bere amatxok ere.) Laugarren egunean gosaldu ondoren itsasontzia utzi genuen: “Lehenengo eta behin egunon denoi. Sab-BAH el-Khair. Ondo gosaldu al duzue? Dakizuen bezala, Kom Ombo-ra iritsi gara, eta goiza libre utziko dizuet nahi duzuena egiteko, baina kontrolatu denbora, ordu batetarako hemen egon behar duzue eta. Beno, eskumaldera joz, merkatua aurkituko duzue, edota bestela, gomendatzen dizuet sei libragatik tenplua ikustea. Kom Ombo-ko tenplua, Horus-en eta Sobek-en ohorez eraikitakoa, Aswanetik 40km-tara kokaturik aurkitzen da. Tenpluaren zati bat, Nilo ibaira eroria izan zen zeren...” –argitu zigun Aladdino giak. Kom Ombo-n bidaiari guztiak tenplura joateko ados jarri ginen “regateo” pixka bat eginez, sarrerak merkeago lortzekotan. Ama-semeak berriz, ez ziren gurekin etorri. Eskumalderanzko bideari ekin zioten, “souc”-era, merkatura joateko. Sartu ginen bada tenplu hartara non, giak esan bezala, zati bat ez zegoen begi-bistan. Niloko urek irentsi zutenaren kontua egia ote? Pasa zen ordu erdi, pasa ziren bi... erlojuak ordu batak laurden gutxi markatzen zituenerako. Dudarik gabe, besteei abisua pasa, eta han abiatu ginen abenduko 29 C-rekin eguzkiak gure buru-lepoetan gogor jotzen zuelarik. Ordu batak puntu-puntuan, “Noor” gure itsasontziaren parean geunden, eta bost minutu pasata, Aladdino, bidaiariak zenbatzen hasi zen: wah-hid, it-nane, ta-lah-tah... aibala! Bi falta ziren! Non arraio ote zeuden zokora joandakoak? Bidaiari guztiak goseak zeuden (Aladdino batez ere, baina Ramadanean zegoenez, ezin zuen deus probatu eguzki izpiek eguna argitzen zuten bitartean) eta txalupa handira barneratu gintuzten bazkaltzeko: “Babaghanouh mezza”, bildotsa... Asetu ginenean Aladdino gutun bat eskuetan zuela pentsakor ikusi genuen: “ELISABETH ETA CHARLES GURE ESKU DAUDE. STOP. EGIN ESATEN DUGUNA BI HORIEK BERRIZ IKUSTEA NAHI IZANEZ GERO. STOP. HONA HEMEN EGIN BEHARREKOA. STOP. EGON OSIRIS PLAZAN GAUR ARRATSALDEKO 17:00ETAN. STOP. ERAMAN ZUEKIN AZAL BELTZDUN EMAKUMEA. STOP. DAUKAN FARAOIEN URREZKO AMULETO ERRALDOI HORI ERAMAN DEZALA. STOP. ABDAKHARSHILA KOMANDOA” Mekauen zotz! Talde islamiar batek, bahitu egin zituen gure ama-semeak eta euren bizitzak arriskutik at geratzeko zer eta Harried-ek zeukan “faraoien urrezko amuleto erraldoia” eskatzen zuten? Gutuna irakurri eta jarraian, begirada guztiek Harried-en begi beltzekin egin zuten bat. Harried-ek berehala esan zuenez, berak ez zuen maleta bat besterik ekarri eta ez zeukan urrezkoa zen ezertxo ere ez. Are gutxiago, antzinako faraoien amuletorik. Aladdinoren inguruan jarri ginen denok kolorge, Harried-ek zera esan zuen arte: - Badakit zeri deitzen dioten urrezko amuletoa! - Zeri? - Nire saxofoia nahi dute! Ja, ja, ja... ! Ene... Saxofoia faraoien amuleto? Ja, ja, ja... Sentitzen dut baina ezin diet inolaz ere eman. Zer izango da nire karrera musikalaz? George-ek saxofoi barik ikusten naue- nean beharretik botako nau! Ez dut kale gorrian hotzak akatzen egote- rik nahi! Beste zerbait pentsatu beharko da. Saxofoia, nire jana, bizi osoa da eta. Do you understand? - Baina uler ezazu Harried.- Aladdinok guztiz urduri- Hil edo biziko gauza da. Saxofoi hori ematen ez badiegu, akabatu egingo dituzte! Horrelako taldeak oso arriskutsuak dira, eta ez dira ezezko batekin konformatzen. Ondoren zuetako besteren bat bahituko dute nahi dutena lortu arte. Han izan ginen luze pentsa eta pentsa. Termometroak eguerdian baino gradu bat gutxiago markatzen zuen soilik. Merkurioa, 28 zenbakiaren pareraino heltzen zen. Bero itzela egiten zuen! Ni blai eginda nengoen Fisher-en eskumako eskuan. Bere atzamarrek gelatina ziruditen. Suabe-suabe, lurreko ohol zahar ilun distiratsua, nire begiengandik geroz eta distantzia hurbilagora sumatzen nuen, eta halako batean... aiiiiiii! Kopetan, konortea galtzeko moduko kolpe hartu nuen. Bat-batean, Fisher-ek ingurura begiratu zuen. Buruari gora eta behera eragin, baiezko keinua egin, eta irribarre zabal batekin begirada. Harried-i zuzenduz zera galdetu zion: -Ezagutzen al duzu “When the Saints go marching in” kanta? -Nola ez ba! Klasiko bat da! Abestea nahi duzu ala? -Taldeko bi bahituta daude, hiltzear, eta zuek adar jotzen?- giak. -Mesedez, baliteke lasaitzea, ...eutsi nire mikrofonoa.- Fisher-ek. -Ongi da... “Oh, when the Saints! Oh, when the Saints! Oh, when the Saints go marching in...” Konturatu orduko, sekulako korroa egina zegoen inguruan, eta airean kroisant erreen usaina suma zitekeen arren, gu erabat izoztuta geunden. -Klap. Klap. Klap.-txaloak- Klap-klap-klap, klap-klap-klap... –txalo zaparrada gero. -Zoragarria -esan zuen Fisherrek hunkiturik. -Bien sûre, mon cher ami -Elodie, unibertsitateko irakasleak. -Eta tratu bat egingo bagenu? -Fisherrek. -Zein tratu? Tratua: Saxofoia, “Bit Roler” garesti eta dotorearen truke. Eta Fisher-ek, talde islamiarrari saxofoia emanez, “Noor” itsasontziko kapitain egin zen. Di-da,“Amon Ra” kafe famatura iritsi, egin beharrekoak egin, eta ni, Harried-en kamarotera eraman ninduten. 1918eko otsailaren 4ean, ugazabandrea eta biok gerra erdi bukatzear zegoela, Alejandrian transatlantiko batean itsasoratu ginen. Bertan igaro genituen hogei egun, bi ordu eta berrogeita zazpi minutuetan, makina bat alditan egin genuen lan elkarrekin entsaio gisa edo. (Estatu Batuetara heltzerakoan, jazz izarrak bihurtzeko!) Emakume hura gogoko nuen, eta are gehiago bere kantak eta ahotsa. Handik gutxira, beste musikari batzuekin egin genuen bat eta “Old blacks” jazz banda sortu genuen. Asteko egun bikoitietan, hirugarren klasekoen jantokian sekulako “juergak” muntatzen genituen beherengo solairuan. Eta gutxien espero genuenean, goizeko bostak aldera, gizon bat zarataka, ate joka hasi zitzaigun: “Ladies and gentlemen, we will arrive in New York in half an hour. Please make sure that you take your baggage, and thank you very much for travelling with us!” Ondo esnatu orduko, taberna moduko bateko eszenatoki txikian nengoen, hantxe, erdi-erdian kokatuta. Harried-ek, handik zebilen gizon bati azalpenak eman zizkion nola saxofoia jotzetik abestera pasa zen zeren Egipton..., bakarlari bezala lan egiteari utzi eta talde berri bat osatu zuela... Eta minutu gutxira... Bateria-jolearen lehenengo kolpeak danborrean: pon-pon, pon..., pianistaren atzamarrak teklatuan dantzan: do, mi, fa... , baxuaren akordeak gero, eta saxofoiaren soloa: turutupupupa... guztia, Harried-en ahots leunarekin nahasia: “Oh my love...” Harried-ek bizitza transformatu ote zuen auskalo, baina nik zeharo! Askozaz gusturago sentitzen nintzen orain koloreetako argiz beteriko taberna ilun hartan. George’s, New Orleans-eko “Lee Street”-en zegoen kokatuta, eta kanpotik begiratuta sekulako lokala ematen zuen arren, barrura sartuz gero, ez zen hainbesterainokoa. Bertan igaro nuen gaztaroa, eta betirako ondo markaturik gelditu izan zaizkit “George’s” taberna, hango gauetako giro ketsua, kristal hotsak, whisky usaina, jazz musika, “Old blacks” taldea eta bertako abeslaria: Harried. Era honetan pasatu nituen bizitzako urterik eroenetarikoak tortillak buelta eman zuen arte: zaharkitu arte. Gogo eskasa nuela, bizkarra... Harried-ek, “George’s” tabernatik atera ninduen, eta “High Street”-eko “Real Antiqueties” dendara eraman. Ezin izan nuen nire jabearen eta dendariaren arteko elkarrizketa entzun, poltsa baten sartuta nengoelako. Baina kontua da, bat-batean, begiak ireki, eta traste zahar pilo baten erdian aurkitu nuela nire burua. “Zertarako ekarri naute hona?” Galdera hori makina bat aldiz egin nuen neure kautan, baina ez dakit zertarako urduritu nintzen hainbeste, ondo pentsatzen jarrita, ez zitzaidalako gaizki etorri han egotea, neukan estresa erabat kentzeko. “Arnedillo”-ko bainuetxean egotea lez zen eta, gainera, xentimorik gasta gabe! Behin, nire oroitzapenekin nengoela, eta ez 1956. urte hartako gora-beherekin, kamiseta zuri, larruzko jaka eta praka beltzdun lau gizonezko erraldoi sartu ziren dendara eguzkitako betaurreko eta guzti. Hauen erdian ostera, zuriz jantzitako beste bat zegoen. Azken honek, janzkera bitxia zeukan benetan! Praka zuri estu-estu akanpanatuak zeramatzan, kolore berdineko jaka, lorez josiriko alkandora bizia, ilea atzerantz orraztua hiru gomina poterekin, ahorainoko patila beltzak, eta eskumako eskuan gitarra elektrikoa. Bitan pentsatu gabe, dendako tramankuluei begirada bat botatzen ari zela, parean siku gelditu, ni entxufatu eta... “Maybellene, What can be true, Oh Maybellene...” Bai jauna! Rock-aren erregea zen! Elvis! Elvis Presley! Dendariarekin tratua egin, poltsan sartu, eta Elvis-en gerizpea bihurtu nintzen segundo gutxiren buruan. Kontzertu guztietara berarekin eramaten ninduen, inspirazioa sortzen niolako edo. Sekulako asti duak hartu nituen bere eskuetan, eta hamasei urteko gazte baten freskotasuna berreskuratu nuen berriro. Sasoian sentitzen nintzen, gustura eta zoriontsu. Estatu Batuak goitik behera zeharkatu nituen, eta sekulako indarra ematen zidan eszenatoki erraldoi haietako aurrealdean kokatzen ziren milaka eta milaka “fans”-en oihuak eta txaloak entzuteak. Neska gazteen negarrak. Hura zen zoramena! Hura zen gozada! Baina, garai on eta zoriontsu guztiek legez, noizbehinka, ez hain zoriontsu eta onek jotzen dute atea. 1977an Memphis hirian izan zen. Elvis-en palazioetariko batean, bere logelako ohe gainean nengoela, atea kolpe batez zabaldu zuten. Larru beltzez jantziriko erraldoi haietariko batek kaxa batean gorde ninduen, bere begietatik, zenbait negar-anpulu isuri ostean. Ez dut sekula jakin zer gertatu zen, baina antza denez egun hartan Elvis-en bihotza geratu egin zen. Berriro sats eginda gelditu nintzen. Eta hori gutxi balitz, hogei urtez ia-ia, kaxa berberean sartuta harik eta behingoz, irekitzea erabaki zuten arte: -1000 $ bai? Bai! 1500! 1800! 2000 $! 10 600! 10 600 $ jaun andreok! 10 600 $ baino gehiago bai, ez? Ez! Bat, bi, hiru... pun-pun! Hirugarren ilaran eserita dagoen grisez jantziriko jaunarentzat 1901. urtean Austrian sorturiko “Bit Roler”-a! Elvis Presley-k bere kontzertu guztietara eramandako mikrofonoa! Horrela, New York-eko museo batean, faraoien amuleto bezala ez, baina Elvis-en kuttuna nintzenez, areto nagusian, erdi-erdian jarri ninduten erakusgai karteltxo batekin: MUNDUKO LEHEN MIKROFONOA 1901ean Austrian sorturiko “Bit Roler”-a. Elvis Presley-k erabili zuen: 1956tik 1977ra. Bertan pasa nituen zenbait urte, hona, Bilbo-ko “Guggenheim” museora ekarri ninduten arte. Eta egia aitortu behar badut, daukadan adinarekin, Bilbo-n New York-en baino trankilago eta erosoago bizi naiz sekretuz beteta, iraganeko kontuak gogoratuz. Panpin huts bat naiz Natalia Campo Dominguez Aupa! Beno, ezer baino lehen neure burua aurkeztuko dut. Nire izena Kontxesi da eta Gorane Agirrezabalen panpina naiz, hobeto esanda, nintzen, orain ez dit-eta kasurik egiten, nahiz eta lehen haren panpinik kuttunetarikoen artean kuttunena izan. Nire bizimodua aspergarria baino aspergarriagoa da, egun osoak ematen baititut Goraneren logelan dagoen armairu horren apal batean beste hainbat jostailuz eta “pelutxez” inguraturik. Baina nire bizitza ez da halakoa izan beti, ez pentsa. Zuek hobeto uler dezazuen, neure historia kontatuko dizuet hasieratik: Taiwaneko lantegi batean sortu ninduten, beno, ni eta ni bezalako milioika “klon”. Gero multzoka kamioi batzuetara sartu eta han egin nituen nire “bizitzaren” lehenengo egunak, bidaia luze batean Durangoko denda batera heldu arte (bitxikeri moduan esango dizuet zorabiatu egin nintzela). Dendariak ni heldu bezain laster, bere esku goxoekin laztandu eta maitasun osoarekin erakustokian jarri ninduen. A, ze nolako denborak... Denda aurretik pasatzen ziren neskato guztiak kristalaren aurrean gelditu eta niri begira geratzen ziren liluraturik (erakustokiko jostailurik politena izango nintzen edo, eta horrek ni garrantzitsua nintzela pentsarazten zidan, oso garrantzitsu eta liraina). Goiz batean Arrate izeneko andre dotore bat dendara sartu, eta Ismenerekin -nire dendari maitearekin- hizketan zebilen bitartean ni seinalatu ninduen. Orduan Ismenek erakustokitik altxatu eta koloredun paper batekin inguratu ninduen kontu handiz. Ez galdetu han, paper artean nengoen bitartean, zer gertatu zen, ez dut-eta ideiarik (agian lotan egon nintzen, ez dakit. Zuek zer pentsatzen duzue panpinok ez dugula eskubiderik zuek bezala lo egiteko ala? ). Dauzkadan hurrengo oroitzapenak zera dira, oihuak, barreak, musika... hau da, zaratak, festa-giro izugarria... eta Goraneren aurpegi ederra pozez beterik haren begi berdeek ni ikusi nindutenean, ni inguratzen ninduen paper koloreduna apurtu zuenean, bere familiak aho batez abesten zion bitartean: “ZORIONAK ZURI, ZORIONAK ZURI, ZORIONAK GORANE, ZORIONAK ZURI ! ! !“ Egun hartatik aurrera banandu ezinak bihurtu ginen, egun osoa jolasean ematen genuen; Goranek asko maite ninduen, bai horixe! (Nola dakidan hori? Ba nabaritzen delako). Haiek bai egun dibertigarri eta alaiak... Edozer gauza emango nuke berriz ere denboraldi hura bizitzearen truke, benetan diñotsuet... Hura bai, hura poza! Baina normala denez (nahiz eta nik ez ulertu zergatik), gauza onak bukatu egiten dira beti eta niri ere berdin gertatu zitzaidan. Nahiz eta plastiko-zati bat izan ez nintzen libratu, eta nire izugarrizko poz hura bukatzeko eguna ere heldu zen handik urte batzuetara, zoritxarrez. Goranek 11-12 urte zituenean, gutxi gorabehera, gero eta gutxiago egoten zen nirekin, beste gauza batzuk egiten ematen zuen denbora eta ez ni zaintzen eta besarkatzen lehen egiten zuen moduan (orduantxe hasi zen nire bizitzaren etaparik txarrena, tristeena... oso txarto pasa nuen, bai horixe... eta izugarrizko depresioak izaten hasi nintzen). “Zergatik? Zergatik?...” galdetzen nion behin eta berriz neure buruari. “Nola da posible pertsona bat hainbeste aldatzea egun batetik bestera?”. Baina iruditzen zitzaidan ez zegoela nire galderentzako erantzunik, ezta nire arazoentzako konponbiderik. Oso oker nengoen, bai, aitortzen dut, bazegoen Goraneren aldaketa hori azaltzen zuen zerbait: N-E-R-A-B-E-Z-A-R-O-A , NERABEZAROA!! ! Nire lagun laztana etapa horretara heldu zen ni konturatu gabe, heltzen hasi zen, eta berak ere, nola ez, mundu guztiak bezala, panpinekin jolasteari utzi eta mutiletan eta halako gauzetan pentsatzen hasi zen. Armairutik askotan entzun ditut Gorane eta Argiñe, bere lagun minaren elkarrizketak; batzuetan negarrez, ...ai ama... gaur Koldo neska batekin musukatzen ikusi dut...zergatik ez naiz ni bere gustukoa? zergatik gertatzen zaizkit niri halako gauzak? ...ai ze zoritxarrekoa naizen... ai,ai...; eta beste batzuetan pozez txoraturik, Argiñe, badakizu zer? Gaur Aitorrekin institutuko pasiloan gurutzatu naizenean irribarre polit baino politago batekin agurtu nau... ah ze zoriontsua naizen! ...ah ze guapoa den... zelako begi ederrak dituen... gutxi falta izan zait momentu horretan bertan zorabiatzeko... Ez diot nerabezaroa polita ez denik, baina ados egongo zarete nirekin oso “gauza arraroak” egiten direla esaten badut. Goranek, adibidez, oso umore-aldaketa bat-batekoak ditu eta gauez ere, behin baino gehiagotan sumatu dut musika entzuten eta negarrez, batzuetan, nik uste, arrazoirik gabe. ... Bai, zin dagizut, ez dizudala inoiz gezurrik esan eta zaude ziur, ezin izango zaitudala ahaztu inoiz. Aitortzen dut, izan zarela ene bizitzaren onena ... Abesti hau edo antzerako beste bat entzun eta, hara bestea, negar eta negar! Uste dut jendeak arrazoia duela gazteak zoratuta daudela esaten duenean... gizajoak! Nire lagun maiteak jadanik 14 urte ditu eta ez dit begiratu ere egiten, baina ni, hala ere, oso pozik nago, berriz ere ilusioz beterik. Zergatik? Arrate berriro haurdun dagoela entzun dudalako, neskato baten zain, horrek esan nahi du jaiotzen denean berriro ere lagun bat izango dudala jolasteko, ondo pasatzeko. Berriro norbait nitaz arduratuko da, berriro maiteko naute! Baina hori bai, bakarrik nerabezarora arte. Nik, bitartean, gazteen “arrarokeriak” jasaten jarraituko dut eta Goraneren ahizpa jaio eta urte batzuetara zoriontsua izango naiz lehengo moduan, eta gero, bera ere nitaz ahazten denean... beno, ordurako jada zeozer bururatuko zait, ezta? Nahitaez panpin huts bat naiz, panpinon bizitza horrelakoa da, eta nik lehenbailehen onartzen hasi beharko dut. Agian holan gutxiago sufrituko dut. Zortzi urtez amestutako itzulera Gontzal Alkorta Garai 1988ko ekainaren 10a zen. Treneko leihotik, urrutira, etxebizitza altuak ikusi nituen eta, berehala, Bilbora iristear geundela zioen neska baten ahotsa entzun nuen bozgorailutik. Geltokira iristean, nituen gauza bakanak sorbaldan hartu eta niretzat ezezaguna zen hiri hartako kaleetan zehar abiatu nintzen, alde batera eta bestera zebilen jendearen artean nahastuz. Noraezean nenbilen, hankei nire etorkizuna erabakitzen utziz. Oharkabean, tren geltokitik gehiegi urrutiratu gabe, okindegi baten erakuts leihora begira jarria nintzen. Baina nire begiak ez zeuden hango opilei zuzendurik, kristalaren beste aldean zegoen mutiko gazteari so baizik. Ispiluan begiratu eta hogei urte lehenagoko nire irudia ikusi banu bezala izan zen. Amaren gonari tiraka ari zitzaion hiruzpalau urtetako haur hark nire haurtzaroa ekarri zidan gogora; nire familia, nire lurra, itsasoz bestalde eraman ninduen istorioa... Marrakex-en jaio nintzen, Marokoren ekialdean kokaturik dagoen hiri batean, Hejira-ko -musulmanen egutegia- 1983.urtean (kristau egutegiko 1964. urtean). Guraso eta bost anai-arrebekin bizi nintzen, bi logela baino ez zituen etxe txiki bezain zahar batean. Aitak irabazten zuenarekin tripetako hotsak isiltzeko lain ez eta, nik, seme-alaba guztietan zaharrena izanik, txikitatik hasi behar izan nuen, han-hemenka, ahal bezala, sosak eskuratzen: atzerritarrei mota guztietako tramankuluak salduz etab. Oso gaztetatik entzun nuen Europa izeneko lurralde batez hitz egiten. Jendea bertara joaten zen, antza denez, miseriatik ihesi, bizimodu hobe baten bila. Gauetan, oheratu ondoren, begiak zabalik, baina errealitate gordinetik urrun, lurralde harekin amesten nuen, txirotasunik ezagutzen ez zuen lurralde harekin. Eguneko unerik atseginena izaten zen, errealitatetik ihes egin eta paradisuko ateetan aurkitzen bainintzen. “Egunen batean Europara joango naiz eta nire familiarentzat nahikoa diru irabaztean, itzuli. Orduan akabo larritasun guztiak! Akabo miseria hau!” pentsatzen nuen nire baitan. Horrela igaro nituen haurtzaro nahiz gaztaroko urteak, janariz baino, ametsez elikatuz. Oraindik xehetasun guztiekin gogoratzen dut anaia Mohamed eta ni, itxaropena Europan zuten beste bost lagunekin batera txalupa hartan, txalupa madarikatu hartan, itsasoratu ginen gaua. Nik atzera begira jarraitu nuen itsasoan barneratu ginen arte, senitartekoei azken agurra luzatuz eta nire sorterriari, nik uste baino denbora gehiagorako bistaz galdu nuen lurrari, azken begirada eskainiz. Isilik egin genuen bidaiaren gehiengoa, inor ezer esatera ausartu gabe. Sekulako hutsunea sentitu nuen nire barnean, nire zati bat jada atzean utzi genuen lurraldean geratu izan balitz bezala. Izan ere, Europarantz nindoan, baina nire bihotzak itsasoaren beste aldean jarraitzen zuen. Orduak aurrera joan ahala, itsasoa gero eta haserreago zegoen, eta lehendik gure barnean genuen egonezinari itsasoaren mehatxua gehitu behar. Olatuak handiagotuz zihoazen. Batzuk nire herriko meskita baino altuagoak zirela ere esango nuke. Agian, lehenago sekula itsasoratu ez nintzelako diot hau. Agian, anaia olatu horietako baten erruz hil zelako. Oraindik ere, egun madarikatu hartatik zortzi urte igaro direnean, gertakizun haren oroitzapen mingotsa burutik kendu ezinik nabil. Ametsetan anaiaren irudia ikusten dut, Gibraltarko itsasarteko uren bortizkeriatik ihes egin ezinik, eskua luzaturik, laguntza eske, nire izena oihukatuz. Izerdi patsetan esnatzen naiz, dardaraka eta “ezin izan zuen ezer egin” neure buruari behin eta berriz errepikatuz, errudun sentiarazten nauen sentimendua guztiz uxatzea lortu gabe. Ez nintzen arriskutik at sentitu hankak lehorrean izan nituen arte, Cádiz-era iritsi arte. Ordu batzuk beranduago Bartzelonara eramango ninduen trenean nengoen, klaserik baxuenari zegokion bagoian. Bertan hiru astez aritu nintzen fruitu bilketan, sortaldean lehen eguzki printzak azaltzen zirenetik eguzkia ezkutatu arte jo eta su lanean. Ez nuen denbora asko behar izan hura ez zela nik amestutako paradisua ohartzeko. izan ere, arrazakeriaren ondorioak pairatu behar izan nituen lehen une tik: gainerakoek baino soldata baxuagoa, irainak eta, denak aipatzen hasi ezkero, amaiezinezko zerrenda bat. Afrikar ugari ezagutu nituen bertan, guztiek ere nire asmo eta ilusio berberengatik borrokatzen zirautenak. Euskal Herrira joateko aholkua eman zidaten, bertan afrikarrak egoera hobean omen zeuden eta. Nire hasierako asmoa ez bazen ere, lagun hauen gomendioa jarraituz, Euskal Herrira zuzendu nituen nire urratsak. Horrela iritsi nintzen Bilbora, zure herrira. Horrela, Bilbon igaro nituen zortzi urteetan bizi izan nintzen San Francisco auzora. Horrela, egurrezko ezkilara erdi puskatu batzuk zuzentzen zuten etxe zahar hartara. Nire ametsetatik gero eta urrunago zegoen gizarte bat ezagutuz joan nintzen eta zalantzan jartzen hasia nintzen hura nire herrikoa baino bizimodu hobea ote zen. Izan ere, aberats asko zegoen, bai, leku guztietan bezala. Baina ez ziren falta sabelaren eskaerak ase ezinik zebiltzanak ere, eta niri egoera hura bizitzea tokatu zitzaidan. Lana aurkitzeak sekulako buruhausteak sortu zizkidan, azalaren koloreak asko egiten baitu horrelakoetan eta inor ez baitzegoen ni bezalako mairu bati aukera bat emateko prest. Beste irtenbiderik ez eta, herritar askok bezala, gauzak saltzeari ekin nion: ordulariak, iratzargailuak, alfonbrak, koilareak ... denetarik. Arrotza sentitzen nintzen. Arrotza eta mesfidantzaz beteriko begiradez josia. Hain zen bestelakoa dena! Ohiturek, sineskera, hizkuntza...hala ere, afrikar mordoa ezagutu nuen, auzo hartan bizi baitziren Bilbon zeuden etorkin gehienak, eta horrek etxetik gertuago sentiarazten ninduen. Hauetariko asko beraien sineskerak alde batera utzi eta bertakotu baziren ere, nik ahalik eta tinkoen eutsi nien nire ohiturei. Izan ere, sarritan entzun zenidan bezala, ahal bezain azkar itzuliko nintzen nire herrira, guztiz onartzen ez ninduen gizarte hartatik urrun. Islamaren jarraitzaile izaten jarraitu nuen, bere arauak ahalik eta zintzoen betez. Ramadanean -Mahomatar egutegiaren bederatzigarren hilabetean- gehitu egiten zen iritsi eta berehala sentitzen hasi nintzen herrimina. Gutariko batzuk itzuli egiten ziren, musulmanontzat hain berezia den garai hori familiartean igarotzeko. Nik, ordea, Euskal Herrian, ospatu nituen bertan igarotako zortzi urteetako Ramadanak, San Francisco auzoan bertan zegoen meskitan, ni bezala, itzultzeko betarik izan ez zuten afrikarrekin bildurik. San Franciscon ezagutu nituen afrikarrak eta meskitan, La Mekara begira, otoitzean bildurik ematen genituen uneak izan ziren, Marrakex-era igorritako gutunekin batera, urte guzti horietan nire herri eta kulturarekin izan nituen harreman bakarrak. Maiz idazten nien etxekoei, ahalik eta gehienetan eskutitzarekin batera diru apur bat bidaliz. Orri zuri baten aurrean eseri eta boligrafoa astintzen hasten nintzen bakoitzean gela hotz haren hormetatik ihes egin eta nire etxeraino bidaiatzen nuen. Eskutitzaren bukaerak, ordea, ametsetatik esnarazten ninduen. Lehen unetik gizarteratzen saiatu nintzen, nire ohiturak baztertu gabe baina euskal kulturaz aberasten ahaleginduz. Bertako jende asko ezagutu nuen, eta euskaraz ikasteko saiakeretan ere ibili nintzen. Bartzelonan ezagututako afrikarrek esan bezala, gure herritarren egoera hobea zen Bilbon Bartzelonan baino, hiri txikiagoa delako eta atzerritar gutxiago daudelako, edo jendea irekiago delako agian. Batek daki. Hori da nire esperientziaz baliatuz eta nire iraganaz oroituz esan dezakedana behintzat. Hala ere, ez ziren falta beltzaranago izate hutsagatik mamutzar bat banintz bezala begiratzen nindutenak eta sentitzen nintzena baino arrotzago sentiarazten nindutenak. Zortzi urte behar izan nituen, izerdi eta malko ugari isuritako zortzi urte, nire herrira itzultzeko. Apurka-apurka, ogerlekoz ogerleko, zerbait aurreztea lortu nuen, inolaz ere ez txikitako ametsak asetzeko adinako dirutza, baina bai nire herrira itzuli eta familiari denboraldi batez lasaixeago bizitzeko aukera eskaintzeko adina, bederen. Hainbeste urte hemendik kanpo eman ondoren, sustraiak inon erroturik ez banitu bezala sentitzen naiz, ez hemengo eta ez horko. Baina nire sorterrian nago berriz ere behintzat. Nire asmo berberarekin Europarako bidea hartu zuten asko eta askok, ordea, ez du aukerarik izango bere herrira itzultzeko, bizitza osoan itxaropen horrekin jarraituko badute ere. Gaztaroan Europarekin amesten nuen bezala, orain mundu justuago batekin egiten dut amets, behartsu eta aberatsik gabeko mundu batekin, arrazakeriarentzat ateak hertsiak dituen mundu batekin. Hemen duzu bada, Itziar, agindu nizun bezala, nire istorioa, milaka afrikarren bizitzetan errepikatzen den istorioa. Orain argitaratu ahal izango duzu eta jendeari berarengandik hain urruti ikusten duen errealitate hori gerturatzeko balioko duelakoan nago. Ez nuke eskutitz hau zuri eskerrak eman gabe bukatu nahi, bizitzako une zail horietan behar izaten den laguntasuna eta elkartasuna eskaini didazulako. Nire eskerrik beroenak. Musu bat. Bizitzak ematen dituen sorpresak Joana Etxebarria Uranga Hemen nago, telebistaren aurrean, zer egin ez dakidala. Ez dakit zer gertatzen zaidan, baina ez nago gustura eta ez dakit zergatik. Atzo arratsaldean gauza izugarri bat gertatu zitzaidan, edo hobeto esanda, orain arte sentitu ez nuen zerbait sentitu nuen. Arratsaldeko zortziak aldera ziren, eta ni egunero legez, Martinen tabernan nengoen garagardo bat edaten. Baina bat-batean, bera tabernara sartu eta nire ondoan eseri zen. Kafe bat eskatu zuen. Horrek pixka bat harritu ninduen, baina beno, nik egunkaria hartu eta berriak ikuskatzen hasi nintzen. Ordu erdira gutxi gora behera ordua galdetu zidan, eta aurpegira begiratu nion. Ez dakit azaltzen zer sentitu nuen momentu hartan, baina izugarria izan zen. - Ordua esango didazu, mesedez?- galdetu zuen berriro, eta nik erantzun egin nuen. Bederatziak aldera bera eta ni bakarrik geunden tabernan, astelehen buruzuria baitzen. Beno, bera, ni, eta Martín, tabernaria. Hirurok berbetan hasi eta 11k arte bertan egon ginen, Martinek oso berandu zela esan zuen arte, eta taberna itxi zuen. Tabernatik irteterakoan berriro elkar ikusiko genuela esan zuen, eta nik baietz. Baina orain ez dakit ikusi nahi ote dudan. PUF! Kristoren buruhaustea nirea! Hain da..., ez dakit! Bere begiak, bere ezpainak, bere ahotsa,... RING-RING! RING-RING! - Bai? - Kaixo, maitea, non sartu zara egun osoan? - Kaixo, Maider. Etxean nago,..., gaixorik! - Gaixorik? Zer gertatzen zaizu ba? - Beno, gertatu gertatu,..., ezer ez, baina,... buruko mina daukat! Eta kalentura! 38,5 - Bai? Medikuarengana joan zara? ondo zaude? zer gertatzen zaizu? ondo zaude? zure etxera joan nahi duzu? - Ez, lasai, oraintxe hobeto nago eta lasai, ez duzu etorri beharrik. Gainera orain ohera nindoan. Eta seguru bihar hobeto egongo naizela. - Ez dakit, ba,..., bihar hobeto ez bazaude medikuari deitu, ados? - Bai, lasai, ez kezkatu. - Beno ba, musu bat eta bihar arte. - Bihar arte? Bihar ere etxean geratu beharko naiz. - Bai, baina zu lasai, bisitatxo bat egitera joango natzaizu. - Ez duzu zertan, laztana, ondo nagoela! - Baina ez zait batere kostatzen, eta gainera zu ikusteko gogo handia daukat. - Baina..., beno, ondo da. - Bihar arte orduan - Bai, agur Kaka! Kaka, kaka, eta kaka! Orain zer egingo dut? Kaka! zergatik esan diot gaixorik nagoela? Nori eta Maiderri! Gezurra esaten diodan lehenengo aldia izan da. Zer egingo dut? Eta bihar ona datorrenean? Zigarro bat erretzera noa. 30 min beranduago.... Kaka! Hemen jarraitzen dut zer egin ez dakidala! Kaka! Maiderrekin bi urte daramatzat, primeran gainera. Orain zergatik gertatu behar zait hau niri? Maitemindu ote naiz? Ez dakit, baina kaka-nahaste handia daukat buruan. Martinen tabernara joango naiz, ia alkoholaren laguntzaz ideiak argitzen ditudan. - Arratsalde on Martín. - Berdin, Aitor. Ze berri? - Bada hemen, beti legez, garagardo batzuk hartzeko prest. - Aizak, atzo hirekin hizketan egon zuan lagunak hitaz galdetu dik. - ZER???? Eta noiz etorri da? Zer esan diozu? Seguru zaude? - Lasai, motel! Zer gertatzen zaik ba? - Niri? Ezer ere ez. (kaka, kaka eta kaka) - Zortziak aldera etortzeko esan zioat, seguruenik hemen egongo hintzela. - Eta ze ordu da? - Zortziak hamar gutxi. Baina egon hadi lasai, ez duk-eta ezer txarrik gertatzen. Zer, garagardo bat orduan? - Ez, zerbait gogorra. - Aitor, zer gertatzen zaik? - Ezer ez, baina,..., Maiderrekin egon naiz, eta haserretu egin gara. - Beno, lasai txo, seguru bihar bertan konpontzen duzuela. Orduan birra bat, ez? - Bale, bale (Kaka! eta orain zer egingo dut? Eta zertarako nahi ote nau? Zer esan behar dit? Kaka! zerbait txarra, seguru. Eta nik zer egingo dut? Eta,..., eta,....) - Arratsalde on! Aitor, ezta? - Bai. - Zurekin hitz egiteko gogo neukan, eta lehen etorri naiz, baina tabernariak zortzietan hemen egongo zinela esan du, eta arrazoi osoz gainera! - Eh..., bai,..., noski,... Martinek! Eta, zer esan behar didazu ba? - Beno, hemen,..., ez dakit. Arazo txiki bat daukat, baina,... ezin gara leku lasai baterago joan? - Nahi baduzu, ni hemen alboan bizi naiz. (Kaka! zer egin dut? Aitor, pentsatu hitz egin baino lehen!!) - Bale, ba ni prest nago zure etxera joateko. - eejjjjjjj, goazen ba! - Zerbait hartu nahi al duzu? - Ez, eskerrik asko - Zertaz hitz egin nahi duzu ba? - Ba, badakit zu ez zarela nire penak entzuteko aproposena, atzo bertan ezagutu baitzintudan, baina,..., norbaitekin hitz egiteko premia neukan,..., eta zugan pentsatu dut. - Lasai, elkar ezagutzeko denbora izango dugu eta. Zer gertatzen zaizu ba? - Ba,... lanetik bota naute! Eta ez dakit zer egin! - Lasai, ez da ezer gertatzen, bilatuko duzu beste lanen bat. - ... 3h eta 15min pasa eta gero - Puf! Hamabiak jotzeko dira eta! - Beno,... nahi baduzu hemen gera zaitezke gaua pasatzen. (kaka, kaka, eta kaka! Hau duk hanka sartzeko duzun gaitasuna, Aitor! - Ba,..., ez dakit,..., ez dut molestatu nahi. - Tontotuta zaude ala zer? molestatu! okurritu ere! zer, orduan geldituko zara? (ezzzzzzzzzzzzz, mesedez,............., ezzzzzzzzz) - Beno, ba, ..., bale! Hurrengo goizean, 11:30ak aldera - Egun on Aitor! Beno, etxera noa dutxa bat hartzera, gero elkar ikusiko dugu? - Ba,... ez, ze,... zera,... BAI! (ze koño!) Bostak aldera Martinen tabernan egongo naiz. (Ez! Kaka! Maider etorriko da!) - Beno, ez! Ezin dut. 6:30etan hobeto. - Bale, ba, gero arte! - Agur, bai. Dutxa bat hartu eta gosaldu ondoren: Hemen nago, tontotuta, telebistaren aurrean, baina gauzak argiago ikusten ditut. Gau honetan inoiz sentitu ez ditudan gauzak sentitu ditut. Inoiz ez nuen pentsatuko honelako zerbait gertatuko litzaidakeenik, baina horrela da bizitza! Berak musu eman didanean ezin izan naiz gelditu, eta egia esan, oso ondo pasa dut. Inoiz ez bezala! Maiderrekin hitz egingo dudala erabaki dut, eta dena azalduko diot. Lehenengo eskerrak emango dizkiot, oso zoriontsua izan bainaiz berarekin egon naizen bi urteetan, baina orain nire bizitza aldatu egin da, eta beste pertsona batetaz maitemindu naiz. Ez dakit hau betirako izango den, baina badakit. Orain Mikel maite dut, eta nik uste dut lehenago edo beranduago Maiderrek ulertuko duela, izan ere oso pertsona ona da. Eta nork daki, agian, betirako lagunak izan gaitezke! Termostatoa Idoia Aboitiz Joseba Andoni Etxebarria Etxebarria Bilbon bizi zen gizon bat zen. Gizon handia eta zabala zen! 80 metroko altuera zuen eta 95 kilo pisatzen zituen. Ile kizkurra eta laburra zuen eta begi urdinak, eta hauek ziren bere emazteari gustatu zitzaion gauzetako bat. Oso gizon alaia eta lasaia zen. Bere emazteak 18 urte zituenean ezagutu zuen eta ordutik berarekin zegoen, eta maitasun historia honetatik bi alaba osatu ziren. Joseba Andoni Etxebarria Etxebarriaren lanbidea parlamentuko tenperaturaren kontrola besterik ez zen. Bost urte zeramatzan, ofizioa ondo ikasirik, termostatoari begira. Eta ez uste. Zenbaitek zegokiona baino garrantzia handiagoa ematen zioten Joseba Andoni Etxebarria Etxebarriaren lanari. Askotan, tenperatura desegokia jarriz gero, erabakiak korrika eta presaka hartu ohi zituen parlamentuak, handik albait arinen ateratzeko. Demokrazia ahul hura termostato faxista baten menpe bizi zela pentsatzen zuenik ere bazegoen. Baina ez jende gehiegik, zorionez. Azaroko egun hartan, lo falta zuen Joseba Andoni Etxebarria Etxebarriak, bere alaba txikiaren asma zela-eta ospitalean pasatu behar izan baitzuen gaua. Erantzunik gabeko kezkak eta ospitaletako usain berezi horrek ez zion lorik hartzen utzi. Hurrengo eguna libre har zezan aholkatu zion bere emazteak, baina Joseba Andoni Etxebarria Etxebarriak eginbeharraren zentzu astun eta sendo bat zuen. Gainera, egun libreak agortu egin zitzaizkion urriaren hasieran bere alaba zaharrenak hamaikagarren aldiz kolikoak jota ohean gelditu behar izan zuenean. Joseba Andoni Etxebarria Etxebarriak bere alaben osasun ahula madarikatu zuen une hartan, gosea kentzeko laranja bat jaten zuen bitartean. Lo falta ez da normalean goizeko lehenengo orduetan nabaritzen. Alaba bere ohean sartu zuen, eta dutxa eta kafearen ondoren, esna aurkitzen zen Joseba Andoni Etxebarria Etxebarria parlamenturantz zeraman autobusa hartu zuenean. Bere umorea ez zen ez bereziki ona ez bereziki txarra. Umorea zen soilik, beti bezala. Ezin esan termostatoaren aurrean hiperaktibo aurkitzen zenik, lanak ez baitzuen hiperaktibitatearekin zerikusirik. Zegokien botoiei eman, tenperatura 25 gradutara jarri eta egunkaria irakurtzeari ekin zion. Egunero egin ohi zuen bezala. Estatuaren egoera tamalgarriaren berri ematen zuen egunkariak. Langabezia tasa altua, parlamentuak hartutako erabaki absurduak, ekonomiaren beherakada, prezioen igoera, unibertsitateetan emandako eztabaida ideologikoa (barkatu, ideologiarik gabeko eztabaida unibertsitarioa,...) Militarrak haserretzen hasiak ziren, eta zer esanik ez ezker erradikaleko buru iraultzaileak. Gutxi batzuk sinesten zuten demokrazia ustel hartan. Eta horietariko bat, Joseba Andoni Etxebarria Etxebarria. Arrazoi praktikoengatik bakarrik baldin bazen ere, berak demokraziarengan zuen fedea mantendu behar zuen itsu-itsu. Bere soldata demokraziari zor zion eta horregatik borrokatzeko prest egongo zen edozein unetan. Parlamentuko argiak piztu eta telefono deiak erantzuten zituzten pertsona haiek bezala. Otsaileko egun hotz bat zen hura, ez zegoen zalantzarik. Bufanda eta eskularruak jantzirik iritsi ziren parlamentarioak. Ekonomia ministroa batez ere, denengatik ezaguna baitzen katarro eta ezkutatu beharreko finantza eragiketa susmagarrienganako joera. Horregatik ez zen inor harritzen txapel batek ia aurpegi osoa estaltzen ziola ikustean. Zerbait lapurtu berria izango zuen. Eguerdiko 12:37tan parlamentuko eztabaida oso beroa zen. Oihuak entzuten ziren gobernu, oposizio eta talde politiko txiki periferikoen artean. Ez zegoen aurrekontuak onartzeko modurik. Komunak garbitzen zenbiltzanak tapoiak jarri zituzten belarrietan, hura jasanezina baitzen eta aldameneko garbitzaileak eskaini zezakeen solasaldia ez zen askoz ere hobea. Giro nahastu hura omen zen demokrazia. Tira-birak osasuntsu jarraitzen zuela esan nahi zuen, eta Estatuak, gizarteak, eta munduak zoriontsu lo egiteko arrazoi guztia zuten horregatik. Baina ez Joseba Andoni Etxebarria Etxebarriak. Berak, bere erosotasunerako, termostatoaren urruneko kontrol bat zuen mahaiaren gainean. Ordura arte egunkari pisugabeak estalitako kontrol horren gainean bere burua zegoen, seko lo. Lo sakon eta goxo bat. Ez zegoen amets originalik buru hartan. Telebistako lehiaketaren batean “basurde” erantzuteagatik (galdera zein izango zen oraindik deskubritzeke dago), kokondoz beteriko uharte batean aberats bizi zen, hogeita lau orduz bertako emakume ederrek txirrindularitzan irabazle direnei bezala masailak musukatzen zizkiotelarik. Etxebarria andrearen amorrurako, noski. Esan bezala, Joseba Andoni Etxebarria Etxebarria ez zen ametsetan ere originala izateko gai. Horretarako Ekonomia ministroa zegoen. Hong Kong-eko bankuetako leihatiletako neskatxen bahiketarekin egiten baitzuen amets Ekonomiako ministroak. Asmatu zergatik. Kronikek diotenez, Joseba Andoni Etxebarria Etxebarria tenperatura igotzeko botoiaren gainean jarri zuen burua, parlamentuko beroa ideiatu diren termometro maila guztietatik kanpo igotzeko moduan. Orduan, egoera larrietan eta gauzak okertzeko beti gertatu ohi den bezala, kortozirkuitu bat egin zen hor nonbait. Parlamentariak gorbatak askatzen hasi ziren, guztiak Ekonomia ministroa ezik, katarro eta finantza eragiketa susmagarrienganako joera horregatik. Askatu zituzten alkandora botoiak ez zitzaizkien nahikoak iruditu eta eztabaidaren berotasunari errua botaz, saioa amaitutzat ematea erabaki zuen parlamentuko presidenteak. Ezker hegoa -nola ez, eskuinak beti diru gehiago izan du gauza hauetarako ere- erretzen ari zen dagoeneko kortozirkuituaren ondorioz. Parlamentariak emakume eta gizon ikasiak dira, baina ez larrialdietan oso iaioak. Beroien artean ez zuten talka besterik egiten irtenbidea aurkitu nahian. Izaera politikoaren isla paregabea. Segurtasunekoak tabernan zeuden hamabitakoa hartzen (aurretik hamarretakoa eta hamaiketakoa irentsi ondoren), eta ez zegoen inor beren postuan. Hain soldata baxuekin ezin esfortzu berezirik eskatu. Tabernak osaturiko mikroklima koipetsuak eraikinaren beste aldean gertatzen ari zenetik kanpo uzten zituen. Beraz, laburbilduz, panorama halakoxea zen: Joseba Andoni Etxebarria Etxebarria termostatoa kontrolatzen zuten botoien gainean lo zegoen. Kortozirkuituak sortutako sua pixkanaka parlamentu osora zabaltzen ari zen (tabernara ezik, mikroklima koipetsua dela-eta), eta parlamentariak ez ziren ate batetik irteteko ere ados jartzen. Kanpoan itxaroten ari ziren kazetariek (denak Ekonomia ministroari eskandalu berri bati buruz galdetzeko zain, noski) sua ikusi zutenean, hura seinale bat zela pentsatu zuten. Azkeneko hilabetetan isilean prestatzen ari zen iraultzaren seinalea, eta hola zabaldu zuten, zuzenean eta mundu osorako, beraien komunikabideetan. Ezaguna da kazetariek datuak baieztatzeko duten arazoa. Telebistan irudi haiek ikustean, militarrek azkenean Estatu koIpearen eguna iritsi zela ulertu eta uniformeei hautsa kendu zieten. Tankeak ateratzeko gogoa zuen norbaitek agindua eman zuen, inolako zilegitasunik gabe. Tankeek hiribideak bete zituzten hala ere, militarrek oso gustuko dituztelako botere erakustaldi hauek. Sindikatuek azkenean herriak boterea hartzeko eguna heldu zela esan zuten (sindikatuak hori esateko nor diren zalantzan jartzen da oraindik). Eta, tanke faltan, ezker erradikalak beti izan ditu gustuko harriak eta barrikadak. Aurrekontu laburreko beste estatu kolpe bat eman nahian. Eta honela gertatu zen, komunikabideek eragindako harrikadaz beteriko iraultza bat egon zela alde batetik, eta bestetik, militarren Estatu kolpeak tankeak atera zituela kalera. Wimbledon-eko finala balitz bezala. Herri xeheak gobernu buruaren berri izan nahi zuen, baino nahiko lan bazuen honek, parlamentuko presidentearekin batera kaosean orden pixka bat jartzen. Eta erantzunik jaso ezean, herri xehearen kezka etorkizunerantz zuzendu zen. Ez zen inor gogoratu parlamentuan kiskaltzen ari ziren parlamentariekin, ez tabernako mikrokliman babesten ziren segurtasuneko langileekin, ez termostatoaren kontrolaren gainean lo hartu zuen Joseba Andoni Etxebarria Etxebarriarekin ere. Parlamentuko tenperaturaren arduradun arrunt honi, kokondoekin amets egiten zuen bitartean, ez zitzaion inolaz ere bururatu, Estatua astebeteko kaosean murgildu ondoren, bere emazteak eta alaba kolikodun eta asmatikoak 37 urtez jasan behar izango zutenik erregimen militar bat. Honelakoak dira demokraziak. Eguneroko Eguneroko Ianire Gomez de Segura Autobuseko aulki hauek benetan deserosoak dira. Fakultatera joateko eguneroko bidaia aspergarria burutzen dudan bitartean, leihotik, “salida de socorro” hitzen atzetik, jendea presaka dabil. Goizeko sei eta erdiak besterik ez izan arren, kale ilunak jendeztaturik daude. Gustura jakingo nuke zigarroa hortzetan daraman emakume lerden hori zertan pentsatzen ari den. Eta agure hori? Nora ote doa? Egunkaria eta ogia erostera ziurrenik. Jendea azkar pasatzen da nire begien aurrean, ala azkar pasatzen dena neu naiz? Geltokiko bikoteaz gogoratzen naiz. Benetan maite ote dute elkar? Moto bat bizkor igarotzen da autobusaren ezkerraldetik. Aritzekin gogoratu naiz bat-batean. Atsegin dut motoan bere gerri zabalari helduta bidaiatzea. Bat-batean abesti aski ezaguna entzuten da irratitik ... “Begiak itxi eta desagertu nahi nuke eta inork nire falta sumatzen duen jakin ......” Abesti honek beti pentsakor jartzen nau. Inor ohartuko al litzateke hemen ez banengo? Gurasoek nahiago lukete horrela balitz. Eta lagunak? Lagunik ez badut, ezin konturatuko dira. Baina Aritz bai. Aritz konturatuko litzateke. Asko maite dut. Berarekin egon nahi nuke. Soilik bera eta ni, inoren begiradarik gabe. Baina herri “puta” honetan ezinezkoa da. Bilbo bezalako hiri batean biziko bagina ez litzateke halakorik izango. Hemen jendea paseatzen dabil, ez dutela arazorik dirudi, baina 325 biztanleko herrixka batean dena da ezberdina. Irailak 25 Gaur, Aritz eta biok, herritik bostehun bat metrora dagoen basotxo batera joan gara. Oso toki polita da. Zuhaitz asko egon arren, hauek ez dute eguzki izpien sarrera oztopatzen. Paisaia zoragarria da, batik bat udazkenean. Mila kolore nahasten dira zerua eta lurraren bitartean. Eroritako enbor baten gainean eseri gara eskutik helduta. Hotz egiten du. Gauden lekutik ez da motoa ikusten, asko urrundu gara bidexkatik. Haize hotzak bortitz astintzen ditu hostoak eta hauek adarrei eutsi ezinik lurrera erortzen dira. Bi txantxangorri pausatu dira adarretako batean, beraiek ere maiteminduta dirudite. Aritzi begiratu diot orduan, isilik dago. Begirada lurreko geruza gorrian finko du eta helduta diodan eskua, etengabe mugitzen du. Kezkaturik dirudi. Hitzik egin gabe besarkatu nau. Denboraldi luze batean egon gara biok besarkatuta, ezertxo ere esan gabe. Ondoren, maite nauela errepikatu dit behin eta berriz. Gure ezpainak elkartzean, hotzikara batek zeharkatu nau, soinean neraman nikia eranzten zidan bitartean. lluntzerako etxera itzuli gara. Geroago zinemara joatea erabaki dugu, film ona omen dago. Agurtzean, musu bizkor bat pausatu dit ezpainetan eta “gero arte” esanez motoan urrundu da. Urriak 7 Gaurkoan hondartzan izan gara paseatzen. Laino ilunek zerua estali arren, itsasertzean ez gara horretaz ohartu ere egin. Bikote gehiago ere bazebiltzan goxo eskutik helduta. Ustekabean, olatutxo bat apurtu zaigu hanka artean. Oinetakoak blai eginda gelditu zaizkigu bioi. Barreari eutsi ezinik, hondar gainean eseri gara. Zaharkituriko emakume bat pasatu zaigu albotik. Begirik kendu gabe ibili da paseatzen denboraldi luzez, gure maitasuna ulertezina egingo balitzaio bezala. Badakit horrelakoetan Aritz urduri jartzen dela. Lasaitzeko edo, musu azkar bat eman diot masailean, baina nire harridurarako “Hemen ez!” bortitz batekin erantzun dit. Denboraldi luze batean zer esan ez nekiela gelditu naiz. Negarrari eman nahi izan diot, baina ez dut horrelakorik egin. Ez dut ulertzen ia zortzi hilabete elkarrekin ibili ondoren, nolatan axola zaion horrenbeste besteek gutaz pentsatzen dutena. Itsasoari begira gelditu naiz. Udazkenean itsasoak haserre dirudi. Uhinek jostari dantzatzen dute itsas azalean. Duela urte batzuk mutu gelditutako portua ilun ikusten da hodei lodien azpian. Izarren paradisuak Van Gogh-en pinturetako bat dirudi, koloreak elkarrekin baina nahastu gabe, arte eskolan ikasi nuen bezala. Eguzkia zerutik erortzearekin batera altxatu gara. Afaltzera joatea proposatu dit ahots geldoz. Buruarekin baiezkoa eman diot. Jatetxerako bidean ez dugu hitzik ere egin eta egoera hau jasanezina egiten zait. Afaltzean ez dugu hondartzan gertatutakoa aipatu ere egin. Urriak 16 Gaur Aritzen dei bat jaso dut eta bere etxera joateko eskatu dit. Urduri zirudien, horregatik denborarik galdu gabe irten naiz etxetik. Zerbait larria gertatu ote zaion galdetu diot neure buruari. Euria ari du. Ateko txirrina jo bezain laster agertu da Aritz. Zurbil dago eta begiak malkoz beteak ditu. Argi dago negar egin duena. Horrek asko kezkatu nau, Aritz ez baita edozer txorakeriagatik negar egiten duen horietakoa. Ezer esateko astirik izan gabe besarkatu nau. Logelaraino zuzendu nau eta ohe ertzean eseri gara biok eskutik gogor helduta. Negarrari eman dio eta bere malkoek nire sorbalda gainetik irrist egin dute, euri tantek leihoan egiten duten bezala. Lasaitu denean mahaiko kaxoitxoa zabaldu eta gutun bat luzatu dit. Kartazalean ez dago ezertxo ere idatzita. Kontu handiz zabaldu dut eta boligrafo urdinez idatziriko orri koadrikulatu bat atera dut bertatik. “Herriaren lotsagarri zarete. Ez zaituztegu hemen nahi”. Lehenago ere heriotza mehatxuak jaso dituela esan dit. Zeharo harrituta gelditu naiz paper zatia eskuan nuela. Lehenago zergatik ez didan ezer esan galdetu diot. Lurrera begira gelditu da unetxo batez, gero erantzun dit: “Ez nuen uste ezer serioa zenik. Norbait txantxetan ibiliko zela uste nuen, baina badirudi ez dela horrela. Agian hemendik alde egitea izango dut onena”. Horrelakorik ez pentsatzeko esan diot eta Ertzaintzarekin hitz egitea proposatu diot. “Badakizu legeak ere ez gaituela gogoko” erantzun dit, eta zoritxarrez arrazoia du. Logelako hormetan pausatu dut begirada, ordura arte ez nintzen ohartu gure argazkiz josirik daudela. Iruñean izan ginenekoak, Mallorkara bidaiakoak, Igeldokoak... Lasaitzeko esan diot eta berriro horrelakorik gertatzen bada, Ertzaintzara joko dugula erabaki dugu. Urriak 22 Gaur ospitaletik dei bat jaso dut. Aritz bertan dagoela esan didate, baina ez didate gauza askorik argitu. Berehala ospitalerako bidea hartu dut. Oso kezkaturik nago, ez baitakit zer gertatu zaion, baina ez da zaila suposatzen, mehatxu haien ondorioz. Bertara iristean oker nenbilela ohartu naiz. Motorreko istripua izan du, antza. Ez du ezer larririk ordea, ubeldura batzuk soilik. Motorra, ostera, kamioiaren azpian gelditu omen da guztiz txikituta. Eskutik heldu dit eta beldurturik dagoela esan dit, medikuek ez baitiote esan zer gertatu zaion. Nik ez duela ezer larririk zin egin diot eta bekokian musutxo bat eman diot. Ondoren loak hartu du eta esnatu bitartean bere ondoan egon naiz irratitxo kaskar bateko baladak entzuten. Azaroak 2 Ertzaintzaren deia jaso dut gaurkoan. Herri ondoko basotxoan gorpu bat aurkitu dutela esan didate eta Aritz izan daitekeelakoan daude. Ezin dela bera izan esan diet, atzo bertan egon nintzela berarekin ere komentatu diet. Baina badaezpada ere joateko esan didate. Bertara iritsi naizenean ezin izan dut ikusitakoa sinetsi. 23 urteko mutil beltzaran baten gorpua, euriak bustitako udazkeneko hostoen gainean etzanda dago. Aurpegia odolduta du eta galtzak belaun azpitik ditu. Nik oparitutako galtzak, hain zuzen ere. Euriak bustitako ile luzea aurpegia besarkatzen saiatzen da, baina ez da begirada galdu hori estaltzeko gai. Zuhaitzetako hostoak gorpu gainean erortzen jarraitzen dute, nire malkoen antzera. Garrasi bat egingo nukeen, baina nire eztarrian ito da. Ez naiz zutik egoteko gauza eta eroritako enbor gainean eseri naiz burua belaun artean sartuta. Elkarrekin igarotako bederatzi hilabeteak gogoratu ditut minutu gutxi batzuetan. Ertzainetako batek bere lepokoa luzatu dit. “Agian zuk gorde nahiko duzula pentsatu dut” esan dit eta urrundu egin da ni gorpuarekin bakarrik utzita. Aritz izena urrez marraztutako pergamino itxurako lepokoa esku artean dudalarik azkeneko musua ematea desiratzen dut. Ezpainak zuri ditu eta gibel inguruko labankadei oraindik odola darie. Begiak itxi eta bere ezpainak nireen artean estutzen ditut azken aldiz. Azaroak 4 Bi egun pasatu dira Aritz hil zenetik. Ezin ditut mina, gorrotoa eta nahigabea jasan. Honekin guztiarekin behin betiko amaitu nahi nuke eta pertsonen sentimenduek inporta ez duten leku batera joan, Aritzen ondora, betiko. Baina ez, beragatik geldituko naiz hemen, lotsa gabe, harro, gure sentimenduez eta batez ere gure maitasuna zena eta bortitz lapurtu digutena defendatzeko. Oraindik gogoan dut, duela bi egun gorpu bat basoan, euripean, zurbil zegoen leku berean, hilabete batzuk lehenago nola bi pertsonak elkar maitatu zuten. Ez dut inoiz egun hura ahaztuko, ez bizi naizen artean behintzat. Ezta bere ezpainek nire belarrietara hurbiltzean esandakoa ere: “Maite haut, Josu”. Goian bego Eñaut Uruburu Martinez “... Ume, ondo akorduen eukin nire berbak, sekule ez daittezan ahaztu, sekule ez daittezan galdu...” Nire aita eta ama bi urte nituela hil ziren noraezean zihoan itsasontzi batean, zelan eta zergatik ez dakit. Amama ordea, duela urte batzuk hil zen bihotzekoak emanda. Horregatik, esan daiteke nire aitona izan dela inoiz izan dudan lagun eta maisurik onena; beti ere, merezi nuena baino gehiago eman eta zerbait banintzela sinestarazi nahi izan zidalako. Gogoan daukat behin basora joan ginenekoa, aitona, Perla txakurra eta hirurok. 35 gradu inguruko egun sargori baten, ez dakit perretxikotan, basoa garbitzen edo zertan joan ginen, baina berdin dio. Hara heldu eta lehenengo aurkitu genuen eta gerizpetan zegoen enbor baten gainean jarri ginen. Denbora luzean inguruetara begira egon eta gero konturatu nintzen zein leku ederrean bizi ginen. Orduan aitonak, isiltasuna apurtuz, zera esan zidan: “Saparrotan sarritten etorten gintzuazen hona perretxikuten, baina tximinijjatik urteten daben keie baino arpelaue nitzuan, eta edadiaz ikesi najjuan neuk be. Badakik, buruik kantzetan ez dabenak hankak kantzau biher. Lagunen aurrien arro ibili biher eta ehiztarijen moduen eitten gainuan, bat bota ta bost kontau. Beti batak bestiek baino haundijjaue botaten jjuan. Atzenerako, bata edo bestie zalako, harrike amaitzen zuan kontue. Harek bai harek denporak! !” Azken baten gu ere zelan ibiltzen ginen ba? Agian beste gauza batzugatik baina “antzerako paresido”. Etxerantz joateko ordua ere bazen eta beherantz abiatu ginen, baserrirantz. Etxera bueltan hainbat jende ezagun asko ikusten genuen eta pertsona bakoitzak beti izaten zuen zer esan, bata pinutik jausi eta hanka apurtu zuela eta horregatik herren ibiltzen zela, besteak hanka aizkorarekin bi zatitan egin zuela, beste batek begia falta zuela harrika “lagun” batek jo zuelako... Untzilla, Larringan eta Bizkerrekotik bueltatxoa eman eta gero, gure txoko ederrera heldu ginen, gure jaiotetxe, bizitoki eta gerora begira gure habia izaten jarraituko zuena. Gazta zati bat ogi artean hartu -egunero egiten genuen bezala- eta aitona ardiak batzen, oiloei zein untxiei jaten ematen edo dena delakoa egiten hasten zen eta nik ahal zen guztietan gustura laguntzen nion, horrela gero nire ofizioa izango zena ikasten nuen. Egun horietako batean, gaztainadiko landara joan ginen ardiei begiratu bat ematera. Han geunden biok, zeri begira ez dakit, niretzat ardi denak baitziren berdinak. Berak ordea denak ezagutzen zituen banan-banan. Nire barrenean interesa sortu zitzaidan eta zenbat ardi zituen galdetu eta “117 eta aharittue, igez ardi gehijjau neukezan baina otzuek dozena erdi tragaujjuazen neguen” esan zidan. Banan-banan kontatzen hasi nintzen baina konturatu nintzen alperrik zela. Ondo ez dut gogoratzen baina horrelako zerbait esan zidan ardiak kontatu ezinik nenbilen unean: “Pastorien bizimodue gogorra dok ume, baina baitte politte be. Gaur egunien gatx jjak hortik bizimodue ataratie, horregatik sarri esan jjuat baserrittarrak kostata irabazten dabela bere eguneroko ogijje, ta biher asko eindde” Leku fijo batera begira jarri zen denbora luzean, oroitzapenen bat burura etorri balitzaio bezala, eta begiak erdi bustiak zituenean zera esan zidan: “Baserrittarrak ganauek zapaltzen daben lekutik ibili bijjok ondo ibiltteko” Buruari asko eragin nion egun horretan. Bere hitzak zalantza bihurtzen ziren nigan. “AIa Perla, batu ardixek eta guezak etxerutz” esan eta baserrira bueltatu ginen. Burua handitzen ari zitzaidan sentsazioa nuen. Erantzunik gabeko hainbat galdera pilatu zitzaizkidan. Egun horretan bertan, baserrira heldu eta “lagundistek artue urkultzen” esan zidan. Han izan ginen txapako berotasunaren ondoan ordu betez lanean. Ni nire zalantzei erantzunak bilatzen saiatzen nintzen eta berak, ordea, niri zer pentsatua ematen jarraitzen zuen. “Baserrijje aurrera ataratie gatxa dok, baina 14 urte be badekezak eta nirie dan dana hiretzat itxiko jjuat. Hi hemen bizi hazela jakin ezkero bajjakiat behintzet gustora hilko nazela” Akorduan dut afaria hainbestean joan zela. Orduan konturatu nintzen, aurkitzen zail den aitona bat nuela. Afaria amaitzerakoan artoarekin ekin genion berriz ere. Jadanik ilun zen kanpoan, eta aitonak burua altxatuz hau esan zidan: “Etorri hai hona ume eta beittik kanpora, gaurko moduen ez dozak izerrak egunero ikusten. Bizimodue ederra dok baina erlojuen orratzak hegan eitten jjabiek eta norbera konturatu orduko halako baten geratu eingo dozak niretzat be. Laster, ume, zeruko izerrei beste bat batuko jjakek ondora. Ez dakik, baina, hire aitte ta ama han dazek. Hamen ez ba dok, egon hai trankil, han ikusiko nok-eta gabero-gabero”. Ez nuen nahi baina barruan neukana kanporatu beharra neukan eta negarrari ekin nion. Ni kontsolatu nahian altzoan hartu eta ”Ume, ondo akorduen eukin nire berbak, sekule ez daittezan ahaztu, sekule ez daittezan galdu” esanaz besarkatu ninduen. Eta zoritxarrez horiek izan ziren bere azken hitzak. Orain GOIAN BEGO. Berak esan bezala zerura begiratzen dudan bakoitzean badakit han dagoela, han urrunean. Gora begiratzen dudanean, zerbait zor diodan sentsazio hori izaten dut, hainbeste nuen berari erakusteko eta hainbeste zuen niri erakusteko. Gau izartsu hartan ulertu nituen bere hitzak: “Baserrittarrak ganauek zapaltzen daben lekutik ibili bijjok ondo ibiltteko”. Ya lo kreo!! Ordutik aurrera beti esaldi bera datorkit burura ama eta aita izar artean ikusten ditudanean. Ahal den moduan bizitza aurrera atera dut. Auzokideen laguntasunak asko poztu dizkidate nire pena eta tristurak. Orain nire lagunik onena Perla txakurra da. Lehengoa hil egin zen eta honi ere izen berdina jarri diot, horrela aitonarekin banengo bezala sentitzen naiz. Zuei idatzitako hau, ardiei begira eta nire lagun Perla ondoan dudalarik, landa baten erdian luze etzanda egin dut. Oso pozgarria izan da nire oroitzapen apur batzuk gogora ekartzea. Beste bi egunean jarraituko nuke, baina hobe horrela amaitzea. Ala Perla, batu ardijjek eta guezak etxerutz! ! Inora ez zihoan bidea Irati Besoy Bilbao Herriaren sarreran hiru bide zeuden: bat itsasora zihoana, bestea hirira eta hirugarrena ez zihoan inora. Josebak ondo zekien hau, herritar gehienei galdetu ondoren denek erantzun bera eman baitzioten. - Hango bide hark? - Ez du inora eramaten. Alferrikakoa da hortik jarraitzea. - Eta noraino iristen da? - Ez da inora iristen. - Zertarako egin zuten orduan? - Ez zuen inork egin. Betidanik dago han. - Baina ez al da, inoiz, inor, noraino iristen den ikustera abiatu? - Kaskarra zara gero, benetan! Ez al dizut esan ez daramala inora? - Nola jakin dezakezue hori inoiz joan ez bazarete? Hain zen tematsu, Joseba Burugogor deitzen hasi baitzitzaizkion, baina horregatik haserretu beharrean, inora ez zihoan bideaz pentsatzen jarraitzen zuen. Kalea aitonari eskutik heldu gabe zeharkatzeko edadea izan zuenean, egun batez, goiz-goiz herritik irten eta ezkutuko bide hartatik abiatu zen, beti aurrera. Bidea zuloz eta belar txarrez betea zegoen, baina zorionez ez zegoen putzurik, aspaldian ez baitzuen euririk egiten. Bidearen ezker-eskuinera sastraka zabaltzen zen eta berehala hasi zen basoa. Zuhaitzen adarrek, elkar gurutzatuz, bidea itzalpe ilun eta fresko bihurtzen zuten. Eta itsasargiaren gisa, han-hemenka eguzki izpiren batzuk irristatzen ziren. Ibili eta ibili, bidea ez zen inoiz amaitzen. Josebari oinak minberatu zitzaizkion eta itzultzekotan zegoen, bat-batean zakur bat ikusi zuenean. «Zakur bat dagoen tokian etxe bat egon behar- pentsatu zuen Josebak- edo gutxienez gizon bat». Zakurra isatsa alaiki mugituz hurbildu zitzaion eta eskuak lamizkatu zizkion, gero bideari ekin zion tarteka Josebak jarraitzen ote zion ikusteko itzuliz. - Banoa, banoa -zioen Josebak kuriositatez beterik. Azkenik basoa argitzen hasi zen, zerua adar tartean berragertuz eta bidea burdinazko hesi handidun atari baten aurrean amaitu zen. Burdinazko barroteetatik zehar, ate eta leihoak parez pare zabalik zituen jauregi eder bat ikusi zuen Josebak. Kea, tximinia guztietatik irteten zen eta balkoi batetatik andre eder bat eskuarekin agurka eta alaiki oihuka ari zitzaion: - Aurrera, aurrera, Joseba Burugogor! - Kontxo -pentsatu zuen Josebak poz-pozik-, nik ez nekien hona iritsiko nintzenik, berak baietz dirudi, ordea. Burdinazko ateari bultza egin, lorategia igaro eta jauregiko egongelan sartu zen, eskailera mailak jaisten ari zen andre ederra agurtzeko unerik aproposenean. Oso zen ederra: ipuinetako maitagarri eta printzesak baino dotoreago jantzita zihoan. Oso alaia zen eta horrela galdetu zion Josebari barrezka: - Ez zenuen, beraz, sinistu? - Sinistu, zer? - Inora ez zihoan bidearen historia? - Lelokeria galanta zen. Nire ustez bideak baino toki gehiago daude. - Horixe da. Garrantzitsuena ibiltzeko gogoa edukitzea da. Zatoz, gaztelua erakutsiko dizut. Ehun baino gela gehiago bazeuden han, mila motatako altxorrez beterik; ipuinetako Eder Lotiak lo egiteko eta zuhurrak dirua gordetzeko gazteluetan eduki ohi zituzten bezalakoxeak ziren. Hantxe zeuden bere begien aurrean: diamanteak, harri ederrak, urrea, zilarra eta momenturo andre ederraren ahotsa. - Hartu, hartzazu nahi duzun guztia, gurditxo bat utziko dizut zama eraman dezazun. Eta Joseba, pozaren pozez, noski. Itzultzeko bidea hartu zuenean, gurditxoa bete-bete zeraman. Zakurrak, horretan ikasia, zaldiak gidatzen zituen eta baita zaunka egin ere lo hartu edo bidetik irteten zirenean. Herrira iritsi zenean, herritarrek sorpresa handiz hartu zuten, hila zegoela uste baitzuten. Zakurrak gurdiko altxor guztiak jaitsi zituen. Agur gisa isatsa bi aldiz astinduz, gurdira igo eta hauts laino baten erdian alde egin zuen. Josebak, lagun eta etsaien artean banatu zituen opariak eta gertatutakoa behin eta berriz kontatu behar izan zuen. Eta bukatzen zuen bakoitzean, norbait presaka etxera joan, gurdia hartu eta inora ez zihoan bidetik abiatzen zen. Baina ilunabar hartan itzuli ziren denak bata bestearen atzetik, goibeldurik, etsiturik. Beraientzat bidea basoaren erdian amaitzen zen, zuhaitz lodi eta arantza sasi batzuen aurrean. Ez zegoen beraientzat ez burdinazko ataririk, ez jauregirik, ez andre ederrik. Altxor batzuk bide berriari lehenengo ekiten dionarentzat bakarrik baitira eta, lehenengoa, Joseba Burugogor izan zen. Haizeak esan zidan Oihana Pinilla Arenaza Urria zen. Udazkena hasita zegoen. Hotza zetorren, eguraldi kaskarra... negua ate joka genuen, eta gu zuhaitzetatik jausten hasiak ginen. Haizeak suabe-suabe laztantzen gintuen, lurreraino eramanez. Guk ematen diogu urtaro honi bizia, mugimendua, bere kolore gorria, horia eta marroia. Hostoak zaharkitu egiten gara. Badirudi zuhaitzak ez gaituela gehiago behar, berak bakarrik igaro nahi dituela horren hotzak diren hilabete hauek eta bere bizilekutik botatzen gaituela. Ez dut ulertzen nola bizi daitekeen guk ematen diogun berotasunik gabe. Gu gara bere berokia. Baina erortzen garen momentuan oso baliagarria den zerbait jasotzen dugu, askatasuna, libreak gara, ez gaude loturik. Udaberrian berriro hosto berriak edukiko dituelakoan agurtzen dugu gu sortu gintuen enborra. Haizea da gehien maitatzen eta zaintzen gaituena. Berak eramaten gaitu bere magalean, leku ezberdinetara, bidaiak egitera, abentura desberdinak bizitzera. Egiten dituen zarata eta txistuek bere ahotsa dirudite, zerbait esaten ari zaizunaren seinale dira. Hostoek, egunean zehar, bidaia asko egiten ditugu, eta dantza bat egiten egongo bagina bezala mugitzen gara, alde batetik bestera. Lehengo egunean, zuhaitzetik erori nintzenean, haizeak zera esan zidan: «Etorri nirekin zure lehen bidaia egitera». Eta berarekin eraman ninduen nire lehendabiziko abentura zirraragarrira. Hasieran bortizki mugitzen nintzen, baina gero, ingurua begiratzen jarri nintzen eta lasaitu egin nintzen. Momentu horretan haizeak leunki mugitzen ninduela sumatu nuen. Lehendabizi, herrian zehar eraman ninduen eta, behin bertara heltzean, momentuaz goza nezan txistu egiteari utzi egin zion. Bera ere nekatuta egongo zen behar- bada. Gelditzean ni lurrera erori nintzen. Ez nekien zer egin eta gizakiei begira gelditu nintzen une batez. Beraien bizimodua oso arraroa egiten zait. Haurrak izaten dituzte, lan egiten dute, oso bizimodu estresatua daramate, ez dute erlaxatzeko unerik, eta etxe deituriko toki batzuetan bizi dira. Ez dut ulertzen nola bizi diren, baina hala ere, oso atseginak iruditzen zaizkit, zapaltzen zaituztenean edo zartako bat ematen dizutenean izan ezik. Gizaki batzuek ez gaituzte kontutan hartzen, uste dute ez dugula bizitzarik. Guk, ibiltzen jakin ez arren, eta hitz egin ez arren, bizia dugu. Haizeak bere indarra berritu zuen eta herriari begiratu laburra eman ostean, mendi aldera abiatu ginen. Gogoko dut belarraren kolore berdea eta bustitzen denean botatzen duen usaina. Gaua heldu zen, eta lo egiteko ordua iritsi zen. Lokartzen hasi nintzen eta haizeak zelai gainean utzi ninduen. Belarrak kilimak egiten zizkidan. Ilargiak distira berezia zuen. Noizbait hara gora igoko ote nintzen galdetzen nion nire buruari. Nire ametsetan murgildu nintzen. Nire lehenengo bidaia nolakoa izango ote da? Hurrengo egunean jasoko nuen erantzuna. Egunsentian esnatu nintzen, kukurruku baten soinuarekin. Oso egunsenti polita zen, zerua kolore gorri berezi batez tindatua zegoen. Eguzkia ateratzeko ordua iritsi zen eta lainoek lekua utzi zioten eguneko erregeari. Han geratzeak merezi zuen, ezer egin gabe, zeruari so. Oso pozik nengoen, baina konpainia falta sumatu nuen. Lagun baten beharra nuen, denbora pasatzeko. Berarekin batera bidaiak egiteko, batez ere, gauzak konpartitzeko. Berriz ere herri aldera abiatu nintzen. Parke batera heldu nintzen eta ume asko ikusi nituen bertan jolasten. Han, ni bezalako hosto asko ikusi nituen, jaiotako zuhaitzen azpian eta oso pozik jarri nintzen. Beraiengana hurbildu nintzen eta guztiak dantzan zeudela ikusi nuen. Guztien artean hori koloreko bat ikusi nuen. Oso berezia zen eta, hain polita iruditu zitzaidan, gertutik ikusteko gogoa piztu zitzaidala. Bat-batean, hurbiltzen nindoala, haizea indar handiz bueltatu zen eta hosto guztiak bueltaka hasi ginen gora eta behera, alde batetik bestera. Une horretatik ez dut nire hostorik gustukoena berriz ikusi. Nik berriro ikusi nahi nuen eta berehala hasi nintzen bere bila. Haizeari laguntza eskatu nion, berak mugitzen nauelako. Eta berak atsegin handiz lagundu zidan. Lehendabizi parketik begiratzen hasi nintzen. Txin-txaun artetik begiratu nuen, baina han zeuden hosto guztiak marroi kolorekoak ziren. Zuhaitzak zeuden ingurutik ere begiratu nuen, baina ez zegoen bere arrastorik. Parkeko aulkietan ere ezer ez. Geroxeago, inguruetako kaleetan begiratu nuen. Baina bat-batean, haizeak kristal baten kontra eraman ninduen eta han itsatsita geratu nintzen. Nik bakarrik ezin nuen handik atera, baina nori eskatu behar nion laguntza? Orduan, ume bat agertu zen. Irribarre zoragarria zuen, eta saltoka etorri zen niganaino. Lehenengotan ez ninduen ikusi. Aurpegia ni nengoen kristal berean jarri zuen. Keinu barregarriak egiten hasi zen, eta barruan zegoen jendeak barre egiten zion. Ni ikusi ninduenean, berehala lagundu zidan handik ateratzen. Tiraka hasi zen, eta ia-ia zatitan hautsi ninduen, baina zorionez, ez zen horrelakorik gertatu. Eskerrak eman nizkion, berak ulertu ez arren. Kale ertzetatik begiratu nuen, edozein leku arakatu nuen. Ez nekien nondik gehiago begiratu. Hostotxoa aurkitzeko itxaropena galdu nuen eta, gainera, leher eginda nengoen. Zuhaitz batera igo nintzen. Eguerdia zenez, jende guztia etxean zegoen, bazkaltzen. Haurrak joanak ziren parketik eta ez zegoen zaratarik, haizearen berbaroa soilik. Lasaitasun handia zegoen, eta logura sartu zitzaidan. Hainbeste mugitu ondoren, eta inola presarik ez nuenez, siestatxo bat bota nuen. Euri tanta batek esnatu ninduen. Batzuek esaten duten bezala, «goiz gorri, arrats euri». Egunsenti gorri egin zuen, eta arratsaldean euria barra-barra hasi zen. Sekulako euri zaparradekin, aterpe bat bilatzen hasi behar nuen, bestela zimeldu egingo nintzen. Parkearen beste aldean, xaboi kaxa huts bat ikusi nuen eta barruan sartzea erabaki nuen. Barruan goxo-goxo nengoen. Beste loalditxo bat egin nuen. Norbait negarrez zegoela iruditu zitzaidan. Begiak ireki, eta zera ikusi nuen: bilatzen nenbilen hostotxo horia. Nik berak aurkitu ez, eta berak aurkitu ninduen. Negarrez zegoen eta berarengana hurbildu nintzen. Zer gertatzen zitzaion galdetu nion eta berak gertatu zitzaion guztia kontatu zidan: itxura denez, dantzan zebilen bitartean, haize bolada hura etorri zen, eta parkeko beste aldera eraman zuen. Han, sekulako zartakoa hartu zuhaitz baten kontra eta, geroxeago, haur batek zapaldu zuen, eta zaurituta gelditu zen. Euria hasi zenean, nire antzera, aterpe bila hasi zen eta, ustekabean, ni ikusi ninduen kaxaren barruan. Atertu zuen, eguzkia irten zen. Handik irten eta leku lasai batera eraman gintuen haizeak. Hitz egiten aritu ginen eta bere bizitza kontatu zidan. Beti bakarrik zegoela esan zidan. Zuhaitza utzita, haizeak beste hostoak zeuden lekura eraman zuen. Han, denak berdinak ziren eta bera desberdina zela ikustean, inork ez zion kasurik egiten. Bakarrik uzten zuten. Nik ere ordura arte bizitakoa kontatu nion. Biak bakarrik geunden, inork ez zuen gurekin bidaiatu nahi. Orduan berak ia hurrengo bidaia berarekin egingo nuen galdetu zidan eta nik, nola ez, baietz erantzun nion oso gustura. Gure bigarren bidaia lehenengoa baino askoz hobea izan zen. Munduko hainbat leku bisitatu genituen, baina, ederrena elkarri egiten genion konpainia zen. Jadanik ez ginen aspertzen eta ederto konpontzen ginen elkarrekin. Baina egun batean, dena bukatu zen. Nire lagunak istripu bat izan zuela esan zidan haizeak. Berriz ere zapaldu zutela. Nik ez zitzaiola ezer gertatuko uste nuen, aurreko istripuaren antzerako zerbait izango zela, zauriren bat izango zuela eta laster sendatuko zela. Baina ez zen horrela izan. Hil egin zuten, lurraren kontra txikituta utzi zuten. Nik pena handia hartu nuen. Haizeak nire alde egin zuen momentu hartan. Harrezkero, bakarrik bizi naiz, eta ez ditut bidaia asko egin. Haizearekin jolasean aritzen naiz batzuetan, berarekin konpartitzen ditut gauza guztiak. Asko lagundu dit eta beti nirekin egon da. Bera da nire betiko laguna.
AURKIBIDEA Hitzaurrea Lehen partea Hitzaurrea 1. Jose Luisekin hizketan! 2019-04-08 2. Nolatan iraun du euskarak XXI. Menderaino? 2019-07-13 3. Gasteizen ala Madrilen ote gaude? 2019-08-05 4. Herri people-n etorkizun zalantzazkoa 2019-08-09 5. Zergatik egin dugu urritzera euskaldunok historia hurbilean? 2019-09-24 6. Gizarte gero eta arrotzagoan urturik! 2019-11-02 7. Udal Legearen Dekretua eta Euskaraldia eta! 2019-11-23 8. Amaordearenera egingo ote dute ihes? 2019-11-29 9. Euskararen bidegurutzetik 2019-12-09 10. Gotorlekutik (Berria-ko “Gu” artikuluari erantzuna 2020-01-22) 2020-01-24 11. Euskara euskaldunon arazo? 2020-02-03 12. Carlos Iturgaitz EAEko PPren buruzagi 2020-02-27 13. Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia: antibirusak! 2020-03-27 14. Ibinagabeitia eta Txillardegi: antibirus indartsuak! eta II 2020-04-01 15. Nolakoak garen gaur egungo euskaldunok! 2020-05-01 16. Unamunok ideia arrazistak euskararekiko 2020-07-06 17. Iturriagaren goresmenak “Pentsamenduaren historia Euskal Herrian” liburuan (2020-07-13) 18. Euskarazko egunkari bakarrera kondenaturik? (2020-08-06) Bigarren partea Hitzaurrea 1. Telesforo Monzon eta Iparraldea 2018-06-29 2. Nafarroaren garrantzia Telesforo Monzonentzat 2018-07-03 3. Monzon eta Txillardegiren irakaspenak 2018-11-05 4. Brouard eta Monzon 2018-12-08 5. Gure nazioaren egoeraz 2019-05-04 6. Carmen Garcia Pellon nafarra bakarrik epaitegietan 2019-05-30 7. Demokrata espainiar baten ikuspegia euskal eta katalan nazionalismoaz 2019-06-07 8. Hasier Arraizen autokritika Sarrionaindiarenaren uberan 2019-06-26 9. Euskal Herriaren egungo opioa 2019-07-29 10. Puigdemont: Batu gaitezen berriz! 2019-08-27 11. Nazionalismo espainolista-konstituzionalista 2019-09-05 12. Egungo egoera politikoa 2019-10-27 13. Burgotar aita-semeak eta estatus politiko berria 2019-12-26 14. Jainkoaren izen berria: Trump 2020-01-06 15. Kataluniako proçesari buruzko egia guztia (I) 2020-02-10 16. Kataluniako proçesari buruzko egia guztia (eta II) 2020-02-10 17. Iragan inperialaren eta frankismoaren herentzia militarra 2020-04-24 18. Gobernantza partekatuaren gezurra! 2020-05-11 19. Foruak baieztatzen dira, Monarkiaren batasun konstituzionalaren kalterik gabe (2020-07-20) 20. Carles Puigdemont: M´explico (2020-07-30) 21. Quim Torra eta EAEko lehendakariak (2020-08-11) 22. Espainiaren harresia zulatzeko ideiak. 2020-09-01 Hirugarren partea Hitzaurrea 1. Cervantes eta On Kixote Donostian! 2019-05-14 2. Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian 2019-05-21 3. Done Jakue mairu-hiltzailea eta Jesu Kristo gurutziltzatua! 2019-07-23 4. Boom…! 2019-08-18 5. Valentziaren historia politiko-kulturala euskal ikuspegitik 2019-09-02 6. Roger Etxegarai kardinala eta militar espainolak Arantzazun. 219-09-09 7. Feminismoaren aurkako gizon-liga? 2019-11-13 8. Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (I) 2019-12-18 9. Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (eta II) 2019-12-18 10. Bigarren sexua 2019-12-21 11. Azken adioaz gogoetan 2020-01-03 12. Hegoaldeko testuliburu gehienek ikuspegi espainola 2020-01-20 13. El conquis: ikurrina eta gaztelania 2020-04-09 14. Katalonski-Euskalonski eta Vascos por el mundo 2020-04-15 15. Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Joxe Azurmendi. Jakin. EHU (2020-06-29) 16. Geure burua eta herria deskolonizatzeko premia. 2020-08-25 4. partea: Covid-19aren ondoriozko konfinamendukoak 1. Koronabirusaren beldur antzean! 2020-03-16 2. Konfinamenduko gogoetak 2020-04-13 3. Tristuraren lainopean, Udaberriaren zain! 2020-04-20 4. Covid-19a: iraultzaren akuilu? 2020-08-17 B. Hidalgo. “Gutun irekia EAJ eta EHBilduri” (2019-05-28). Hautatuak (60) Hitzaurrea Nire idatziak arretaz irakurri izan dituztenek -norberak baino argiago dakusate maiz- adierazia didate gai giltzarria euskara dudala. Zergatik hori?, galdetzen diot neure buruari. Azalpen bila hasita, XXI. mendearen bigarren hamarkadaren amaiera honetan, Hernanin bizi naizen auzoaz eta auzotarrez pentsatzen jarririk, haurtzaro eta nerabezaroko Azkoitiko erdi kalea datorkit gogora, eta orduan etxepean eta aldamenean eta aurreko etxeetan bizi izandakoak, iragan mendearen 60ko eta 70eko hamarkadetan. Lau solairuko etxeak dira Azkoitiko erdi kalekoak, eta etxepekoak bezala gure etxe aurreko bizilagunak ere oso auzo ziren, eta balkoitik balkoira hitz egitea ez zen batere arraroa. Gu hirugarrenean bizi ginen, eta gure goian, teilatupean, Extremaduratik etorritako familia batzuk bizi ziren. Goian bizi ziren bizilagun haiek izan ezik, gainerako guztiak euskaldun azkoitiarrak ginen, egun osoa edo gehiena euskaraz ematen genuenak. Goiko extremaduratarrak arrotzak sentitzen genituen, batez ere hizkuntzagatik, eta hein batean ohiturengatik. Ez dakit haien ondorengoetatik zenbatek ikasi zuten -beraiek ez, errazegia ere ez zuten garai hartan, helduak etorri baitziren-. Egun, aldiz, Hernaniko auzo batean bizi naiz, non Gaztelatik, Extremaduratik eta Andaluzia eta Galiziatik etorritakoak gehiengo diren, eta euskaldunak gutxiengo. Pentsatzen dut, hein batean, neure modukoak gaudela orain Azkoitian gure goikoak zeuden egoera sozial antzekoan, hots, arrotz samarrak gainerako espainiar etorkin 50-60ko hamarkadetan Hernanira helduen artean. Ez dugu arazo handirik izan bizikidetza egoki samarra moldatzeko gu etortzerako bertakotuak zeuden auzotar nortasun nazionalari doakionez gehienbat espainiarra dutenekin, eta ez dugu euskaldun naziotasun izaera galdu; aitzitik, esango nuke asimilazioari aurka egin beharrak sendotu gaituela horretan. Horrek azaltzen du partez euskarari diodan atxikimendua. Partez bakarrik, zeren azken hamarkadetan era askotako aldaketak gertatu dira, eta askotariko aldakuntza horiek ez dute euskalduntasuna sendotu. Eta hortik, Zuzeu-n plazaraturiko idatzi hautatuen bilduma honetan, euskararen kezkari dagozkionak aurrena paratzearen arrazoia. Bigarren partean, politikarekin zerikusi gehiago dutenak tolestu ditut, eta hirugarrenean, kulturarekin harreman estuagokoak -kultura hitza zentzu zabalean harturik-, eta, azkenik, 2020ko martxoa ezkeroztik gure bizitza baldintzatzen duen covid-19 birusarekin loturikoak. Lehen partea Hitzaurrea Iraganari begira jarrita, euskararen iraupena da mirarizkoa ez bere sorrera misteriotsua duela hamar mila urte inguru edo. Horretarako egun baino zabalduago, herri eta hiri handi samarretan hegemoniko izan beharra zuen euskarak populu xumearen baitan, eta elite ekonomiko-politiko zibil eta erlijiosoak elebidunak izan behar zuten hein handi batean, elebakar morroi eta neskameekin harremanak izateko. Eta zergatik egin dugu urritzera? Hain justu botere politikoa galduz joatearekin batera, elite zibil ekonomiko-politikoak eta Eliza katolikoaren hierarkiak bereziki -obedientzia botoaren eragin itzelaren pean-, erdaren alde egin dutelako -salbuespenak salbuespen-, estatu-nazio bakarren hizkuntza ofizialaren mesedetan, eta eskumen politikoz gabeturiko herri zapalduen hizkuntzen kaltetan. Garai bateko etnia euskalduna, nekazaritza girokoa, herri txiki samarretakoa oso gutxitua den honetan, gizarte aspaldi erdaldunduan edo erdaldundu berrian txertatzerik ba ote dugu euskaldun gisa, erabaki politiko ausartagoak hartu gabe? Espainiatik etorritako etorkinen seme-alabetako asko euskaldundu gabe dirautenean, etorkin bolada berriak aukera dira ala mehatxu, eskumen politiko aski ez dugunean haiek euskalduntzeko? Euskaldun sentitzen garenon borondate indibidualari eragitea aski da ala 1982ko eta 1986ko legeen aldaketarik gabe, borondate indibidualak gauza gutxi ahal dezake? Politikariek ez dute hizkuntza-eskakizunik egiaztatu beharrik?, EAEn eta Nafarroako zati batean bi hizkuntza ofizial daudela diogunean, zertaz ari gara, orduan? Euskararena euskaldunon arazo soila da?, pentsio duinak galdegitea eta lortzea pentsiodunena den bezalatsu, LGBTkoen arazoak LGBTkoenak edo migratzaileen aferak migratzaileenak diren gisan, ala euskararen balio soziala eta politikoa bestelakoa da, eta xedea hura erdigunera ekartzea izan behar du eta horretarako diskurtso, praktika eta legedi egokiak ezarri behar dira? Euskaltzale eta euskaran oinarrituriko abertzaletasunaren eredu gisa Zaitegi eta batez ere ezezagunagoa den Ibinagabeitia aurkezten ditut. Zein garai zailetan, erbestetik zenbat lan egin zuten euskararen eta aberriaren alde. Ibinagabeitiak Txillardegirekin izandako hartu-emanen berri ere bai. Joxe Azurmendiren azken liburu Pentsamenduaren Historia Euskal Herrian liburuan oinarrituriko pare bat artikulu ere bildu ditut atal honetara. Halaber, parte honen azken artikuluan galdetzen dut ea euskaldunok betiko euskarazko egunkari bakarrera kondenaturik egon beharrean garen. Horiexek dira beste hainbat zertzelada eta ñabardurarekin batean gure hizkuntza ardatz nagusi duten artikuluetan aurkituko dituzunak! 1. Jose Luisekin hizketan! 2019-04-08 Lehengo baten Antiguan dagoen plaza horretara joaki, Jose Luisen gorputz erdiarekin hitz aspertuan aritu nintzaizuen. Gure kontuen berri baduela ikusi nuen, eta erraz moldatu ginen. Hona kronika laburtua. -Zer pasatu duk Osakidetzako iruzurrarekin? -Mediku espezialisten oposizioetan iruzurra azaleratu zuten, eta oposizio politikoak eta sindikatuek sailburua dimititzera behartu-. -Eta nork ordezkatuko dik, bada? -Euskaraz ez dakien emakume batek. Hanka bat gurean du: bi urtez Jaurlaritzan postu inportante baten eta Basurtuko ospitalean hamar urtez mediku; eta beste bat Espainian, Espainiako Kardiologia Elkarteko Kardiologia klinikoko atalburua da, eta Emakumeak kardiologian deritzan Espainiako lantaldeko koordinatzailea-. -Beraz, emakume kontzientzia izango dik -hala zirudik-, baina euskararena ez, euskara besterentzat; eta ez dik inork salatu euskara jakin gabe kontseilari hautatu izana?, eta gainera profil norteño horrekin, hanka bat Bilbon eta bestea Madrilen? Arraina burutik hasten duk, ba, kirasten! -Euskaldun kontzientziatu banaka batzuk baxoerdiak hartzen ari direla bai, baina politikariek eta itzal publikoa dutenek ez. Jose Luis, kontuizu, gero eta barneratuago dagoela gurean erdara ere hemengoa dela, eta nola erdarak balio komunikatibo eta praktiko askoz handiagoa duen..., eta nola EAJk eta PSEk bat eginda gobernatzen duten-. -Erdara gurea? Monteano historialariak-eta ederki erakutsi zigutek, ba, Iruñea eta Nafarroa euskalduna nola espainoldu zuten konkistatzaile gaztelauek; eta beste euskal lurralde guztietako hainbat lekukok ere kontatu zigutek, ba, nola erabili izan den eraztuna eta makilatxoak eta antzeko zigorrak euskara umeen ahotik baztertu eta arlote konplexu alimalekoa kaskezurrean sartzeko -bertako elitearen konplizitate handiarekin-, eta erdara geure egiteko behartzeko, eta J.M. Torrealdaik bi liburutan ere azaldu ziguk, ba, xehetasunez, zer-nolako trikimailu erabili dituzten espainolek euskara debekatzeko eta euskaldunak lotsarazteko, batzuek sotilagoak eta beste batzuk ankerragoak..., eta, halere, euskaldunok jasan dugun gutxiespen eta bortxa hori guztia gorabehera, hori gehiago salatu eta justizia eta erreparazioa galdegin gabe, erdara ere geurea delako horrekin jarraitzen duzue? -Bai, Jose Luis, zuk ez zenigun alferrik azaldu, xehetasun askorekin, Errioxan, Biarnon, Bureban edo Hueska inguruan nola mintzatu izan zen euskara, eta hura galdurik espainol bilakatu diren errotik, baina gero eta gutxiago kezkatzen gaitu horrek, eta gero eta inpotentzia gehiago sentitzen dugu geurea euskara bakarrik sentitzen dugunok, eta Euskal Herrian hizkuntza derrigorrezko bakar bihurtu nahi dugunok, gure auzoek beren hizkuntzarekin egiten duten bezala beren esparruan eta beren esparrutik kanpo. Ezin indarrak batu eta egituratu!-. -Ez al ditek politikariek Euskararen Legea aldatu behar EAEn eta Nafarroan? -Nafarroan berriki ahalegindu dira baina porrot egin dute, eta EAEn ahalegindu ere ez, hogeita hamazazpi urte dituen lege xaharra aldatzen hasita okerrago gelditzeko beldurrez edo...; errazago zaie hamaika egunez paparrean belarriprest edo ahobizi txapak jarrita ibili, azpitik iradokiz euskara gehiago erabiltzen ez badugu geure kulpaz dela, Etxeparek eta Axularrek-eta behiala salatzen zuten bezala, haiek euskara idatziari zegokionez, gehiago ez erabiltzearen errua euskaldunona zela-. -Zer duk delako txapa kontu hori? -Kilometroak, eta Korrika eta gisakoei egun jakin mugatuko Euskaraldia gehitu zaie orain. Euskal Herriko toki askotan euskaraz nork dakien jakitea arras zaila gertatzen denez, eta erdaraz eginda kasik beti eta euskaraz eginda, aldiz, gutxitan asmatzen denez, euskara ulertzen dutenak eta hitz egiten dugunok identifikatzeko bereizgarria, euskara gehiago erabil dezagun-. -Ez didak pozbide handirik ematen. Autodeterminazio eskubidea gauzatzetik hurbilago al gabiltzak?, Katalunian aurreratuago agian? -Autonomi Estatutu xaharrean jasota egon bai baina benetan boterea duenak nahierara eskualdatzen dituen eskumenen negoziazioan trabaturik jarraitzen dugu, bereziki espetxe eskumenean, preso politikoek jarraitzen baitute Espainiako gobernuaren menpean eta mendekupean. Katalunian, ez dute oraindik amore eman, baina Europatik laguntza gutxi dutenez eta Espainiako botereen ezpatapean direnez, duintasunez bezain ziurgabetasun gaitzean-. -Beno, hik esandako gauzak entzunda, hemen jarraituko diat, jaiotetxea egon zen plaza honetan, baina paratu nauzuen bezala, gorputz erdiz; beste erdia nahiago diat beste leku atseginago batean izan, harik eta pozbide handiagoak emateko gai zareteino behinik behin. Kezkaz eta arranguraz utzi nau. Gainean dugu hauteskunde zikloa. Edozein herritako alkate izateko gaztelania jakitea behar-beharrezkoa da; aldiz, euskaraz jakin gabe hautagai izan zaitezke eta alkate. Erdara ere gurea bada, hil dezagun euskara, amaizuna hamaika aldiz beharrezkoagoa dugun heinean, Euskaraldi, Korrika eta gainerako ekintza boluntaristak gorabehera, behiala Txillardegik AEBetako erreserbetako indigenen hizkuntzengatik zioen bezala: “Ez baitago eskubiderik (...) herri oso bat zoritxarreko eta itsu atxikitzea, hizkera <<bitxi>> bat gordetzeko. Hizkuntzari bai, kulturarekiko eta egiazko biziarekiko baradera eta traba ez den heinean. Gizateria ez da zoo bat. Eta indioak ez dira kiwi harrigarriak. Ez. Hizkuntza, gizonaren zerbitzuko. Ala kanpora (“Hopitarrei bisita” Argia). 2. Nolatan iraun du euskarak XXI. Menderaino? 2019-07-13 Esango nuke azkenaldian galdera hori dela nagusi gure hizkuntzari buruz. Lehenago zer-pentsa eta zer idatzi gehiago eman izan du arbaso ezagunik gabeko izateak baina egunotan esango nuke ezetz. Ildo horretan, Nafarroan, beharrik, artxibo askotxo eta historialari asko samar ere baditugu, eta horietako bat Peio J. Monteano da. Lehenago Nafarroako erresumaren konkistaz bezala, azken bi urtean Nafarroako hizkuntzak jo ditu begiz, guztien gainetik dokumentu idatzietan apenas arrastorik utzi ez duen gure hizkuntza ikus- edo irakurrezina, eta euskarak XV. mendetik XVIII.era bitartean Nafarroako gizartean izan duen presentziaz bi liburu atera ditu oso izenburu esanguratsudunak: El iceberg navarro eta La lengua invisible. Jakina, guri iragana etorkizunari begira interesatzen zaigu. Monteano historialariaren azterlanei esker, Bardeen atarian -Aragoi ibaiaren behereneko aldean- dagoen Murillo el Fruto-ko herritarrek jakitera iritsiko balira, artean XV. mendean herri nahiko euskalduna zela -herritar elebidunak eta erromantzez soilik zihardutenak ere egongo ziren, baina baita euskaldun elebakar mordoxka ere-, eta, esaterako, mugakide dituen Uxue eta Galipentzu, XVII. mendean ere euskaldunak zirela -egun eremu ez-euskaldunean hiru herriak-, denbora asko baino lehen eremu mistora igarotzeko eskean hasiko lirateke? Segur aski ez, handik honako mendeak ez dira alferrik igaro, eta bereziki 36ko gerra, baina ezagutza horrek ez luke pittin bat bada ere lagunduko euskara beste modu batera ikus dezaten, aspaldiko arbasoen hizkuntza gisa, eta ez ote luke lagunduko poxi batean eremu ez-euskaldunean ere ofizialtasunaren eskaria indartzeko? Bestetarako balioko ez balu ere, euskaraz (nagusiki) mintzo ziren herrietan nola gertatu den hizkuntza-ordezkapena hobeki barrentzeko aukera ematen digute aipatu ditugun bi liburuetan dauden datu egiaztatuek, eta, gainera, erraz eta oso gustura irakurtzen dira oso ondo idatziak daudelako. Aurten argitaratu duen liburuan -La lengua invisible-, ikusarazi du Monteano historialariak honen aurreko paragrafoan aipatu duguna: Murillo el Fruto-n, Erriberaren atarian, XV. mende hasieran oso probablea dela hein handi batean euskaraz mintzatu izana, edo behintzat elebidun asko egotea eta elebakar euskaldunak ere bai. Halaber, Erriberriko Carlos III.a noblearen jauregian, gortean, XV. mendearen bigarren eta hirugarren hamarkadetan, erregeren goi funtzionarioen artean oso probablea dela elebidun asko egon izana, eta han euskaraz aritu izana. Segur aski funtzionario gehienak euskaldunak ziren -anitz baxenabartarrak- eta haiek euskaraz mintzatuko ziren eta idatzi ere euskaraz egiten zutela batzuetan, nahiz eta idazteko hizkuntza nagusia nafar erromantzea edo gaztelania zuten. Beste modu batera esanda, euskara ez zela nekazari eta abeltzain eta artisauen hizkuntza soilik, errege funtzionarioena eta eliteena ere bazela garai hartan. Zergatik? Jende asko alfabetatugabea zen; XV. mendetik XVIII. mendera arte hamar nafarretatik zazpi edo zortzi euskaldunak ziren, erdiek gaztelaniaz ez zekiten -bereziki emakumeek eta umeek- eta herri xehearen egoera linguistikoa hori izanik, errege eta justizia funtzionario izateko euskara jakin beharrik ez egonagatik eta gaztelania bai, ehunetik laurogeita hamabostek bazekitenez gero -hainbat kasutan, gaurtik begiratuta ezin sinetsia iduri badu ere, Iruñeko kaleetan ikasia zuten euskara-. 1645ean, esaterako, badakigu Iruñean euskaraz ala gaztelaniaz konfesatu nahi zuten aukeran emanda, %82k euskaraz konfesatzea lehenetsi zuela, garai hartan konfesioak zeukan garrantziarekin. Eta gaztelaniaz konfesatzea erabaki zutenen artean gehienak modu batean edo bestean elebidunak zirela. Nafarroako konkistatik kasik bi mendera arte nahiko ondo eutsi zion euskarak bere estatus sozial hegemonikoari, ahozkoari dagokionez. Nafarroako erdialdearen hegoaldera, mendebaldetik (Lizarra) ekialdera (Zangoza) Tafalla eta Erriberritik eta igaroaz, eremu aski elebiduna izan behar zuen garai hartarako. Bai egongo ziren euskaldun elebakarrak eta erdaldun elebakarrak, baina elebidun askotxo ere bai, hots, euskara hegemoniko zen eremutik erdara hegemoniko zen eremura ez zela zakar igarotzen, baizik eta elebitasun aski zabalduaren bitartez. XVIII. eta XIX. mendeetan euskarak atzerakada gogorra jasan zuen, eta zer esanik ez XX. mendean 36ko gerraondoan, gutxi asko irakurle guztiek ezagutzen dituzten arrazoiengatik (administrazio espainola, irakaskuntzaren hedapena eta apaiz eta mojen kolaborazioa erdalduntzean) baina XVIII.-XIX. mendera arte nola eutsi zion gogor jakiteko primeran datoz Monteanoren bi liburu hauek. Gomendatzen dizkizuet udarako. Ez dira batere astunak; aitzitik, plazerez irakurtzen dira. Eta mesede baino ezin diote egin euskararen ofizialtasun eskariari eta haren hedadura sozialari. 3. Gasteizen ala Madrilen ote gaude? 2019-08-05 Joan den ostiral gauean Gasteizen izan ginen, Andre Mari Zuriaren jaien pregoi egunean; bertan afaldu genuen. Afalondoan, Plaza de España-n, Elena Iturrieta ELE kantari madrildarraren soul, gospel eta rhythm & blues kontzertua entzun genuen, eta EAEko hiriburu administratibo-politikoko kaleetan barrena ibili ginen euskaldun gipuzkoar batzuk. Hona kronika laburra, oharrez hornitua. Lehenbizi, parte zaharrean afaltzeko asmoa genuen, aiztogile kaleko taberna ezagun baten -zenbaki esanguratsua du euskaldunontzat-, eta eskatu genuen euskaraz, baina erdaraz emandako eskaintzak ez gintuen gogobete, eta zabalguneko beste batera joan ginen. Bagenekien nora gindoazen, eta ez gintuen batere harritu, baina afaltzen ari ginela gutako batek galdetu zuen: Gasteizen ala Madrilen gaude? Hemen eta Salamankan edo Espainiako edozein hiritan berdintsu, ezta? Zerbitzariak hispanoamerikarrak ziren itxura guztien arabera, bezero batzuk ere bai -guraso gazteak seme-alaba gazteekin. Horien eskutan ere badago etorkizuneko Euskal Herriaren izaera, ugalkorragoak baitira bertakoak baino. Beste artikulu bat merezi duen gaia; hemen apuntatu bakarrik-; beste batzuk bertakoak: guztiak gaztelaniaz, gu izan ezik. Lutxoegia partikularra gerriko poltsan sartua genuen ordurako, aiztogile kaleko tabernako “ausardiaren” ondotik jasotako erantzunaren eraginez, eta giro arras erdalduna sumaturik inguruan -euskaldunari ez dago azaldu beharrik zer den giro arras erdalduna-. 240.000 biztanle pasatxo omen ditu Gasteizek. Wikipedian irakurri dudanez, laurden bat euskaldunak; beraz, 60.000 euskaldun -badakigu kopurua pixka bat edo puska bat puztua egongo dela-, eta hori bai, erabilera oso apala: %3tik 4ra. Informazio hori lasaigarria gertatzen da/zait; jo 60.000 euskaldun Gasteizen! 1980an joan nintzen ikastera bertara, eta euskal filologia fakultatean bai egiten genuen euskaraz, baina kaleetan beste euskal lurraldeetatik joandako euskaldunen artean bakarrik, batez ere ostegunetan ateratzen ginenean. Euskarazko eskolak emanda nago bertan, eta badakit lan alimalekoa egin dela euskara irakasteko, eta emaitzak ere badirela, baina... Afalondoan Plaza de España-ra joan ginen, sarreran esan bezala, ELE kantari madrildarraren folk, gospel eta rhythm & blues kontzertua entzutera. Gaztelaniaz gonbidatzen gintuen kantariak ingelesez kantatzera amerikar kantak, halako melodia errepikakor mistiko-estatikoak...; han ere ez genuen gure elearen oihartzunik entzun, eta geroago ere ez, ez taberna eta ez kaleetan. Ez ginen nonbait euskaldunak ibiltzen diren giro eta lekuetan ibili; edo agian irakasle, funtzionario eta hango eta hemengo eta bertako gasteiztar euskaldunek alde egiten dute jaietan oporretara. Beste euskal hiri eta herri askotan ere beste horrenbeste gertatzen da, jakina, ez dugu ezer berririk jakinarazi. Baina, idatziz jasota gera dadila hau: 2019ko udan, Andre Mari Zuriaren jaien atarian, EAEko hiriburu administratibo-politikoan, Gasteizen, gipuzkoar euskaldunak Madrilen edo Espainiako edozein hiri handi samarretan bezala sentitu garela. 2119an ez da horrelakorik gertatuko, ezta? Funtsean, bi arrazoi bururatzen zaizkit hori ez gertatzeko; bata, behialako herri elebidun, nagusiki euskaldun hura (XVIII. menderaino edo) berriz euskalduntzeko politika benetan eraginkorrak abian jarri eta emaitza on samarrak lortuak izanen dituelako Eusko Jaurlaritzak; eta, bestea, arras tristeagoa, gure moduko euskaldunak desagertuak egoteagatik, Gasteizen Madrilen bezala sentitzeagatik lekukotza idatziz jasotzea ez duela merezi iritzirik. Lehenbizikoa ala bigarrena nagusituko ote? 4. Herri people-n etorkizun zalantzazkoa 2019-08-09 Ez naiz Herri people izendatu duten ETB1eko programaren etorkizunaz ari, baizik eta han ageri ohi diren herriko jendearena. Portzierto, hitzak hizpidea ekarririk, nola ez aprobetxatu aukera hau programaren izena lotsa-emangarria dela adierazteko; “Herriko jendea” behar luke nire iritzi apal edo harroan. Ez al duzue etnia desagertuen museora igarotzeko zorian eta trantzean ikusten herri people programan ageri ohi den jendea? Hemendik urte batzuetara programa horiek ez ote dira ikusi beharko behialako euskaldunak nolakoak ziren jakiteko? Burutazio bitxi horiexek hartzen didate gogoa. Euskal Herriko ingurune populatu samar batera hurbilduz gero, gero eta zailago gertatzen da euskal etniako jendea aurkitzea. Exajeratzen ari naizela esango duzue, egoera muturrera eramaten, baina pentsa zer-nolako burutapenak izateraino heldu naizen: euskalduna ume gehiago ekartzera motibatu beharko ote luke euskal administrazioak, zerga-kenkari edo hobarien bitartez? Entzuten ari naiz: burutik egiten hasia hago; zelako etniakeria, Pandoraren kutxa irekiko duk moteil...! Euskal etnia ez dut mitifikatzen eta ez munduko onentzat jotzen. Euskal etniakoa naiz, euskaldunen artean hazia eta hezia, eta denetik ezagutu dut: jende jatorra eta gaiztoa, zintzo-eratsua eta petral eta erretxin askoa, eta gehienak, jakina, tartekoak -neu ere halaxe izango naiz-; beste edozein etniaren antzekoa alegia, baina, diferentea bai, eta etnia hori herri txikietan ez, baizik eta hirietan eta inguru populatuetan nahi nuke ikusi Euskal Herrian, etniaz nahasiago nahi baduzue, baina egungo kultura modernora egokitua eta bera kultura modernoaren sortzaile dela. Gai arantzatsu hau garatzeko laguntza bila, J.L. Carod Rovira katalan politikariak kazetari bati duela hamabost urte emandako erantzunetara joko dut (Vicent Sanchis: qué piensa J.L. Carod-Rovira. Deria. 2004), baliorik galdu ez duelakoan, eta aldeak alde, eta badira, gure egoeraren ispilu delakoan. Kazetariak galdeturik ea politikoki inkorrektoa den pentsatzea Kataluniara Espainiatik hirurogeiko urteetan heldu zen immigrazio masiboak, diktadura betean eta integratzeko posibilitate ezin urriagoekin, Kataluniako herriaren egitura sozial, kultural eta politikoa arriskuan jartzen zuela?, Carod-Roviraren erantzuna hauxe izan zen: “Es evidente que cualquier transformación demográfica de una sociedad modifica de manera masiva las características identitarias del país en cuestión. (...) Creo que éste era también uno de los objetivos perseguido probablemente por el franquismo al favorecer la inmigración de habitantes de otros lugares del Estado español, básicamente castellanohablantes, pero también gallegohablantes, hacia Cataluña. (...) A pesar de que Cataluña no disponía en aquellos momentos de los instrumentos de recepción y acogida adecuados, porque era la propia Cataluña, en general, la que estaba en la clandestinidad debemos sentirnos satisfechos de que la mayoría de aquella población también asumiera como país propio la nueva tierra a la que llegaba, Y sí es verdad que quizás mucha de aquella gente, pero ya no sus hijos, no tuvo nunca la oportunidad de asumir como propia la lengua que sólo podía utilizarse en ámbitos domésticos”. Zein neurritan daukagu guk esaterik beste horrenbeste hona etorriez?, etorkinen seme-alabez? Dena den, 2004an arazoa beste bat zen Carod-Rovirarentzat: “Ahora, la cuestión no es cómo hay que acabar de integrar a los hijos, a los nietos de estos inmigrantes que se incorporan al paisaje con una naturalidad absoluta, a pesar de que en las grandes ciudades todavía existen barrios que se han transformado en auténticos guetos...El problema no es cómo acabamos de integrar en el país a las últimas hornadas de inmigrantes castellanohablantes, sino a la nueva ola de inmigración no comunitaria que nos llega”. Gure egoera, irakurle gehienak ados egongo direla iruditzen zait, okerragoa da Kataluniakoa baino, nahiz eta han ere hizkuntza ez-markatua gaztelania den, eta ez katalana, leku gehienetan. Zer egin, bada, migratzaile berriak integratzeko katalan komunitatean? “Es tan poco acertado decir: “Aquí no cabe nadie más” (...) como decir: “Papeles para todos”, Porque no hay ningún país, ni el más rico del mundo, con el nivel de renta per cápita más elevado, que pueda dar cabida con dignidad a todo aquel que quiera irse a vivir en él. (...) Primera afirmación: ¿qué necesita nuestro país? Necesita los instrumentos legales y económicos para acoger a la inmigración que decida acoger con dignidad”. Garbi dago ez Kataluniak eta ez Euskal Herriak, ez EAEk eta ez Nafarroako Foru Erkidegoak edo Euskal Hirigune Elkargoak dituztela behar-beharrezkoak diren tresna legal eta ekonomikoak, eta Frantziako eta Espainiako estatuek hartzen dituztela erabaki nagusiak, eta horrenbestez, teoriatik ezin garela praktikara igaro, baina aurrera egin dezagun, itzuliko gara-eta atzera berriz puntu honetara. Nork egokitu behar du norengana: kanpotik etorriak ala bertakoak? : “También hay que decir que, absurdamente, parece censurable reconocer que el que llega a un país no puede esperar que sea el país el que se amolde a él. Quien se debe amoldar es él, sabiendo que de la relación entre unos y otros siempre salen enriquecidas y modificadas ambas partes”. Beharrezko ikusten zuen Carod-Rovirak etorkinei formakuntza-, murgiltze eta egokitze ikastaro batzuk ematea. Eta hizkuntzei doakienez: “El conocimiento de la lengua del país es fundamental en todos estos casos porque brinda la capacidad de relacionarse plenamente con la gente. En nuestro caso quiere decir tener un conocimiento básico del catalán, y también del castellano. Quien no entienda eso no sabe que en algun país, como es el caso de los Estados Unidos, además se les hace cantar el himno nacional”. Nik neuk, zuek ez dakit, beste arrazoi bat gehiago ikusten dut gai soziologiko-politiko eta ekonomiko-kultural honetan independentziaren beharra azpimarratzeko. Etorkizuneko euskaldunek biharko EITBren artxiboetan ikasi beharko ote dute behialako euskal herrietako euskaldunak nolakoak ziren, jada desagertuak izango direlako?, ditugun eskumen politikoekin eta daramagun martxan posible ote da, funtsean, euskalduna hiriko jendea bihurtzea, gauza batzuetan arras aldaturik, baina, funtsik funtsenean, behialakoarekin jarraitutasunean, hizkuntza ardatz dela? Edota suizidio kolektiboaren amilburuan gaude? 5. Zergatik egin dugu urritzera euskaldunok historia hurbilean? 2019-09-24 Aurreko baten gure hizkuntzak nolatan iraun duen gaur arte arakatzen enplegatu nintzen, Nafarroako erresumaren XIV-XV-XVI-XVII. mendeetako egoera linguistikoaz Peio J. Monteanoren El iceberg navarro eta La lengua invisible-ren lanei segika; gaurkoan, aldiz, J.M. Jimeno Jurio handia gidari dudala (Navarra, Gipuzkoa y el Euskera. Siglo XVIII Pamiela. 1998), zergatik egin dugun urritzera euskaldunok Nafarroan eta Gipuzkoan, eta hemen agertuko diren arrazoiak estrapolaturik, egin beharreko aldaketak eginda, kasik euskararen lurralde guztian. Hobeki ulertzeko ohar historiko batzuk ez dira alferrikakoak izango. Nafarroa, Gaztelak konkistaturik (1512-1521), Gipuzkoarekin batera administrazio barruti bakarra eratzera etorri zen, Espainiako erregeak izendaturiko erregeorde eta kapitain jeneral beraren agindupean, eta 1567tik aurrera Nafarroako Erresumaren zati handiena eta halaber Gipuzkoaren zati handiena eklesiastikoki Iruñeko gotzainaren mendean geratu ziren. Errepara dezagun ondotik, zer paper jokatu zuten Nafarroako botere zibilek, hots, erregeordearen erresumako funtzionarioek, auzietan lekukotzak eta informazioak jasotzen zituztenek (“receptores” gaztelaniaz), eta era berean maisuek gaztelaniaren hedatze eta euskararen murriztean -arras ezaguna-, eta halaber, eliza katolikoak jokatu zuen paper anbiguoa; batetik, botere zibilari jarraika, gotzainak buru zirela, maiz funtzionario eklesiastiko erdaldunak bidaliz leku euskaldunetara, eta bestetik, sermoietan eta konfesioetan eta deboziozko liburuetan ere -Larramendi, Mendiburu, Kardaberaz, J. Lizarraga Elkanokoa (idatziak, hil ondoan argitaratuak)-, euskara atxikiz hein eta garai jakin bateraino, gaztelaniaz ez zekiten euskaldunak katekizatzeko xedez. Hasteko, hona kronologian mugarri garrantzizkoa, errege ilustratu baten etorrera -Jainkoaren pareko-: “Con la llegada de Carlos III de Castilla y VI de Navarra en 1759, se inició en todos los dominios hispanos una política de reforma de la enseñanza, con exaltación, implantación e imposición sistemática del castellano, como lengua oficial del Imperio. Para el Despotismo ilustrado el objetivo fue idéntico en todas partes: que todos los súbditos hablaran una misma lengua. Cualquier medio tendente a lograrlo sería válido” (63or. ). Zein neurri hartu zituen, bada, Carlos III.a despota ilustratuak? Euskarazko liburuak inprimatzea debekatu zuen (Kardaberaz. San Inazioren bizitza 1766. Hernaniarraren beste lauzpabost ere bai). Gaztelaniaren eta gaztelaniazko derrigorrezko irakaskuntza agindu zuen (Real Cédula de Aranjuez, 1768); merkatariei liburuak hizkuntza “nazionalean” idazteko betebeharra ezarri zien (1772); katalanez idatzitako liburuak argitaratzeko debekua eman zuen (1773), eta gaztelaniaren hedatze eta erresumako gainerako hizkuntza “erregionalen” debekuaren testuinguru horretan, eta urte-bitarte horietan, botere zibilari dagokionez, Nafarroako erresumako auzitegietan lekukotasunak eta informazioak jasotzen zituzten funtzionario erdaldunek Vidaurre abizeneko funtzionario euskaldunari Etxauriko bailaran esku hartzeko eskubidea ostu nahi izan ziotenean -Iruñetik dozena bat kilometrora dago Etxauriko bailara, orduan gehienik euskaldun elebakarrez populatua-, hiru errege eskribauek erdaldunen aldeko txostena egin zuten, gaztelania azken urteetan asko zabaldu zelako gezurrean oinarriturik, eta orduraino bi txanda egon ohi ziren bezala; bata, euskaldunentzat, eta bestea, erdaldunentzat, harrezkero txanda bakar bihurtu zen, euskaldunen kalterako. Botere zibiletik eklesiastikora etorririk, 1742an, Gaspar Miranda Argáiz Calahorrako errioxarra jabetu zen Iruñeko elizbarrutiaz. 1765ean, gaixorik ohean zela, auzitegi eklesiastikoko lau informazio-hartzaile erdaldunek memorial bat igorri zioten, Jimeno Juriok dioen bezala, losintxaria forma aldetik eta arrazoi eta egitate aldetik “ez-benetakoa” (eufemismoa: “inverídico”). Hona zati esanguratsuena: “porque es bien notorio y público que en la llamada tierra Bascongada los más saben y todos entienden el castellano, especialmente en los pueblos crecidos, por haberse introducido este idioma generalmente con la plausible providencia de enseñarlo los Maestros, no sólo a los niños, prohibiendoles el vascuenze, si no es a todo el pueblo”.Bada, berehala onartu zuen batere erreparorik jarri gabe gotzain gaixotuak, beste alderdi interesdunari entzun gabe, hots, funtzionario euskaldunei, eta kalteturik ateratzen ziren euskaldunei batere begirunerik izan gabe. Azaldu zuten funtzionario erdaldunek aferak ebazteko sortutako hamar barrutitatik seitan erdaldunak aritzen zirela (“romanzados”) eta beste lauetan euskaldunak (“vascongados”). Eta, jakina, gotzain barrutiaren hirutik bi eta gehiago euskaldunen lurraldean zeudenez (“en la tierra Bascongada, que ocupa de tres partes del obispado las dos y mas”), lau horiek ez ziren gauza aferak azkar ebazteko, eta, horrenbestez, berek ere esku hartu nahi zuten euskaldunek parte hartzen zuten barruti euskaldunetan, zeren, bestela lan gutxi eginik gutxi kobratzen zuten, eta ez zeukaten aski berak eta beren familiak mantentzeko. Gainera, gorago adierazi bezala, gaztelania gero eta hedatuago zegoen euskaldunen lurralde horretan ere. Gezurretakoa zen irizpide horren arabera, euskaldun lurraldean eremu gaztelaniartua ezarri zuten, hartara han, euskaraz ez zekiten funtzionarioek lan egin zezaten. Gaixorik zen gotzainaren begirunez, hura zendu arte (1767) protestarik egon ez bazen ere, hura hildakoan, berehala heldu zitzaizkion kexak gotzain berri euskaldunari, XVI. mendez geroztik Iruñeko gotzaingora heldu zen lehen gotzain euskaldun baztandar J.L. Irigoien Dutari jaunari. Bost funtzionario euskaldunek memorial bat igorri zuten leku euskaldunetan lan egiteko eskubidea galdeginez, eta Juan Irisarri errege-eskribau eta auzitegi eklesiastikoko prokuradoreak, delako eremu “euskaldun gaztelaniartu” horretan hogeita lau urte zeramatzanez lanean egoera oso ongi ezagutzen zuenak, funtzionario euskaldunekin bat eginez, honela azaldu zuen benetako egoera linguistikoa: “se habla por las gentes en lo general mas usual el baskuenz que el castellano, y, en prueba de esta verdad, es constante, publico y notorio que los parrocos y sus thenientes (.) predican el Santo Evangelio y explican la doctrina christiana en idioma bulgar bascongado (.) a escepcion de los sacerdotes, estudiantes, escribanos, médicos, cirujanos, boticarios, ministros de la real renta que se establecen de ronda en algunos partidos, sastres, zapateros, albéitares, herreros y arrieros o tragineros o gente nabegante, que por haver tenido sus principios en tierras romanzadas saben la lengua castellana, todos los demas comunmente son bascongados liquidos, y aun algunos de dichos oficiales, después que se han restituido a sus Paises (.) dejan a olvidar por falta de curso y egercicio lo que aprendieron de romance, y para mayor satisfaccion y seguridad de sus conciencias, regularmente se examinan en las pruebas en bascuence” (191). Zer egin zuen Iruñeko gotzain euskaldun baztandarrak?, euskaldun funtzionarioen alde? Hark Calahorrakoak ez bezala, alde biei galdegin zien informazioa -gorago ez dugu esan Gipuzkoako Diputazioa ere kexatu zela, bere eremuko euskaldunei erdaldunak bidaltzeagatik-, eta azkenean halako erabaki salomonikoa hartu zuen, Jimeno Juriok honela epaitzen zuena: “Fue una solución política, con la que intentó contentar a las dos partes, pero realmente favoreció a una de ellas, perjudicando a la población de habla vasca” (76). Gure hitzekin esanda, baztandarra euskalduna baino lehenago gotzain espainiarra izan zen. Bazen XVIII. mendearen azkenera, beraz, Nafarroaren iparraldera eta Gipuzkoaren gehienean esan dezagun, eremu euskaldun eztabaidaezin bat; bazen Nafarroaren hegoaldera eremu gaztelaniartu eztabaidaezin bat, eta bazen Nafarroaren erdialdean eta Gipuzkoako herri hazi batzuetan eremu elebidunagoa, errege funtzionario eta funtzionario eklesiastiko euskaldun eta erdaldunek “lana” lortzeko borrokatzen zutena, eta borroka hartan erdaldunek abantaila zuten agintari zibil eta eklesiastikoak alde zituztelako. Administrazio zibil eta eklesiastikoaren eragin erdalduntzailetik aipa dezagun albait laburren, erdarazko irakaskuntzaren eragina. Oso gauza jakina da, baina aipatu beharra dago. XVIII. mendearen azkenaldera hasi zen irakaskuntza zabaltzen, eta horrekin batean burdinazko eraztunaren erabilera makurra. Ezaguna da. Horren eragina alimalekoa. Ez nuke konklusiora iritsi nahi, Hondarribian gertaturiko egitate bat kontatu gabe, oso esanguratsua izaki. Mugatik hurbil egoki -euskal ikuspegitik sasimuga-, XVI. mendetik soldadu garnizio espainiar bat egoten zen, Espainiako Filipe II.aren garaitik ugaritua. Euskaraz ez zekiten soldadu eta bereziki ofizialen begirunez, erabaki zuten agintari zibil eta eklesiastikoek Hondarribian goizeko meza nagusia erdaraz ematea, eta euskaldunentzat arratsaldean predikatzea euskaraz. Garizuma garaian berdintsu. Urte luzez iraun zuen praktika horrek. Izenburuan jarritako galderari erantzuten jarrita, botere zibila eta eklesiastikoa elkarri eskua emanda -Espainiako erregeren Nafarroako erregeordea, eta Iruñeko gotzaina- aritu ziren kontzienteki, aginte kasik absolutuaren inposizioz, bereziki Carlos III.aren erregetzatik aurrera, Euskal Herrian euskaldunak urritzeko eta gaztelaniadunak ugaltzeko politikak aplikatzen, eta hizkuntzen artean “nazional” eta “erregional”-en arteko bereizkuntza egiten, hari prestigioa emanez eta honi kenduz, eta horren eraginez, eta horri erantsirik gerra karlisten ondoriozko foruen galera -autonomia politikoa alegia-, eta 1936ko gerraren eragin kaltegarri alimalekoa, etorri gara honaino. Ez da lekua botere autonomikoek egoera hori leuntzeko egindako politikaren balioespena egiteko. 6. Gizarte gero eta arrotzagoan urturik! 2019-11-02 Lantokian ez ezik aisialdian ere sozializatzen gara, eta lehenago herriko plazan eta inguruko tabernetan jende ezagunaren artean bezala, egun gero eta gehiago, gehienok bizi garen hiriguneetan behintzat, saltoki handiko denda handietan -elkarri atxikiriko multinazional handien establezimenduek osaturiko espazio antolaketak eta jende-pilaketak sorturiko giro berezian, musika global ingeles-amerikanoaren aire inpertsonalean-, ardurenik, elkarrekiko arrotz garen gizakiak, halako giro inpertsonal globalizatuan, euskal girotik deus ez duen atmosferan. 1936ko gerraondoan, lehenbiziko olatuak Gaztela-Andaluzia eta Galiziatik etorri ziren bizimodu hobearen bila, eta baldintza politiko-kulturalak zirenak zirelako, euskal gizarteak ezin izan zituen asimilatu, gehiago gertatu zen asimilatua, eta XX. mendeko azken bi hamarkadetan, batez ere irakaskuntzan egindako ahaleginagatik, asimilazioan pixka bat atzera egitea lortu bazen ere, XXI. mende honetan, bigarren olatu globalarekin gero eta asimilatuagoak eta arroztuagoak gaude euskaldunok. Ez dirudi, baina, kezkaturik gaudenik. Berriki Ordiziako ikastetxe batean gertatu da istilua. Tirabiraren azterketa zehatza bazter utzirik, errepara datu honi: Goierriko herri horretan, eskola publikoan dabiltzan eskola-umeen %37k guraso atzerritarrak ditu. EAEn, batez beste, jaiotza-tasei doakienez, %28 dira guraso atzerritarrengandik jaioak, eta Araban %40. Denok dakigu jaiotza-tasa apaletan gabiltzala hemen -emakumeak lan-munduan sartu izanagatik eta umeak izateak lehen zuen balioa egun ez duelako, besteak beste-, eta atzerritarrek haur gehiago izaten dituztela -faktore bat izan daiteke emakumeak gutxiago lan-munduratzen direla, eta gurean baino garrantzi gehiago ematen dietela familia izateari-. Hori guretzat eramangarria al da? Suizidio kolektiboaren bidean? Madrilek kontrolpean eta mendean duen marko autonomiko honetan, hona datorren atzerritarra gisa da espainol sozializatzea, espainiera erabiltzea bertako jendeak ere hein handienean darabilen bezala, eta praktikan ehunetik laurogeita hamabostetik gora, euskalduntzetik arrotz gelditzea. Esan beharrik ez dago fenomenoa globala dela eta ez lokala. Europa industrializatura jendea bizimodu materialki hobearen bila dator. Askotan engainatuak, hemen paradisua aurkituko dutelakoan. Enpresaburuak gustura dira; atzerritarren bitartez soldatak apaltzea lortzen dutelako. Hona datozenak askotan biktimak dira, noski, euren jatorrizko herrietan aberastasuna ongi banatua ez egotearen biktimak, eta, zer esanik ez, gerretatik ihesi datozenen kasuan, baina migratzaile ekonomikoengatik ari naiz. Konponbide zaila du; kapitalismoak ez du garapen orekatua bermatzen, eta desberdintasun sozialak aprobetxatzen daki, baina gure kasuan lehendik ere bageneukan arazoa areagotu egiten du. Gure Euskal Herria urtuko da, diluituko da espainol eta frantses gizartean asko baino lehen erreakzionatzen ez badugu. Behartsuak ezin ditugu bidali, eta ez gara intsolidaritatea bultzatzen ari, baina neurriak hartu beharrean gara, besteak beste, gurera datozenei ere bizitza duin samarra ziurtatzeko eta ez nolabaitekoa. Irakaskuntzan banaketa orekatuak dira beharrezkoak; lan-hitzarmenak guztientzat, eta jaiotza-tasei buelta emateko neurriak hartu beharrean gara, enpresaburu eskrupulugabeek kanpora jo ez dezaten langile merke bila. Duela berrogeita hamar urte inguru, Nemesio Etxaniz apaiz euskal idazleak teorikoki egoki planteatu zuen gaia: “Guk, beste aldetik, ez karidade aldetik eta ez beste inundik, ez daukagu geure izatea ta etxea ondatzeko lain jende artzeko obligaziorik. Gureak baino askoz indartsuago ta zabalago diran errietan, kanpokoak ez dira artzen nolanai; baizik angoak ar ditzaketen neurrian (...) Guk ere ez degu euskalduntasuna galtzeko obligaziorik, kanpokoak gurean neurri gabe artuta. Bakar-bakarrik gure etxea ta izatea ondatu gabe artu ditzazkegunak artu bearra degu (“Gure txistulariak eta gazte traketsak” in Zeruko Argia (1965-6-6)). Hori egin ondotik: “Kanpotik sartu zaizkigun oiek, gure egitea; biotzez euskaldun biurtzea. Onela gure artean pozik artu ta ikusiak izango dira ta oien seme-alabak, gureak bezain etxekoak izango dira Euskalerrian”. Lekutan gaude! Praktikan, zailagoa da gorago esan bezala. Orduan Espainiako estatutik zetozenei buruz ari zen; bada garaia, ideia hori, arrazismoarekin eta intsolidaritatearekin zerikusirik ez duena, eguneratzeko. Denbora baino lehen, desagertuko ez bagara, gizarte arrotzean urturik. 7. Udal Legearen Dekretua eta Euskaraldia eta! 2019-11-23 Icebergaren zati agerikoari begira jarrita, euskara boladan dago: 2016ko Udal Legea garatzeko Dekretua dela medio, hemendik urtebetera egitekoa den Euskaraldia dela bitarteko -bidez batez esanda, zein goiburu bikaina: gehiago, gehiagotan, gehiagorekin!, behialako berbenetako dantza-eskeko “egingo al dugu?” hura ekartzen dit gogora-, beti euskaraldi betean bageunde bezala, harrabots mediatikoan pulunpaturik. Baina denok dakigu icebergetik begi-hutsez ikusten dena izozmendiak duen bolumen osotik zortziren bat baino ez dela, eta halako batek hondoratu zuela, besteak beste, Titanic. Zer ezkutatzen du gure euskara-izozmendiak ezkutuko zazpi parte horietan? Nik, beste ezer baino lehen, beldurra ikusten dut. Botere autonomikoa dutenak beldur dira botere estatalarekin talka egiteko, eta lege-arau edo dekretu itxura eman aurretik, 1978ko Konstituzio txit santuari ertzik urratzen dion begiratzeko zerbitzu juridikoak lanean jartzen dira, ondotik errekurtsorik etor ez dadin, eta, nork uka, adimentsuki jokatzen dute bai baitakigu guretzat kaiola modukoa den oinarrizko lege hori gaztelaniadunak Espainiako estatu guztian eroso bizitzea bermatzeko egina dagoela, eta hura garatzeko legedi guztiak xede nagusi hura ez duela hautsi edo urratu behar. Eta galegoz edo katalanez edo euskaraz bizitzako arlo guztietan bizi nahi dugunok geure herrian, zein legek babestuko gaitu eta politikarietatik nork? Dekretua argitaratu baino lehen aurreratu zuen PP alderdiko bozeramaileak errekurtsoa jarriko ziola, eta botere autonomikotik, defentsiban, hasi dira esaten erabat konstituzionala dela, erdaldun elebakarren eskubideak ez direla urratuko eta telebistatik entzun ere dugu “gauzak ez direla asko aldatuko”. Eta azken hori sinesten dugu, sinesten dugunez! Zergatik jarri nahi dute errekurtsoa basko-espainol erradikalenek? Euskaldun batzuk harremanak administrazioarekin euskaraz izateak ez ditu kezkatzen, kezkatzen dituena da euskal administrazioetako teknikariek lana euskaraz egiteak, eta euren arteko harremanak euskaraz soilik izateak. Zergatik? Horrekin Belgikaren edo Suitzaren mamua ikusten dutelako, Espainiako administrazioaren zatiketa, eta azken buruan benetako nazio-aniztasunerako pausoa, guztiz eramangaitza zaiena. Baina beldur hori izateko motibo arrazoizkorik ba ote dute?, Eusko Jaurlaritzak hori nahi ote du? Badakigu Kultura Saileko buruak eta haren kideek euskararen erabilera hedatzea nahi dutela, hori bai, baina benetan euskaraz funtzionatuko duen administrazioa nahi ote du Jaurlaritzak? Kontuan har bedi tokiko administrazioaz ari garela, udal eta toki-erakundeen legeaz eta haren garapenaz ezen ez administrazio autonomikoaz eta ezta EAEko administrazio zentralaz ere. Toki-administrazioak garrantzizkoak dira baina autonomikoak eta estatalak ez gutxiago. Gaur argitaratu da zorioneko dekretua (2019-11-22). Artikulu bat aldatuko dizuet, hamahirugarrena hain zuzen: “13. artikulua.– Erabilera normala eta orokorra. Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta, gaztelaniarekin batera, ofiziala Euskal Autonomia Erkidegoan. Hortaz, modu normalean eta orokorrean erabiliko da Euskadiko toki-entitateetan eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan, baina beste hizkuntza ofiziala inolaz ere mugatu gabe. Hori bermatzeko, bada, entitate horiek gero eta gehiago erabiliko dute euskara, bai barne-jardueretan, bai kanpora begira egiten dituztenetan." Aldeak alde, lehen karlistada ondoko esaldi famatu hura bezala: foruak bai baina batasun konstituzionala hunkitu gabe. Arerioak erakusten digu nora jo behar dugun. Momentuz, nik gehienbat, gorago esan bezala beldurra ikusten dut, botere autonomikoaren beldurra, bazkide unionista haserretzeko beldurra, botere estatalaren beldurra, politikari eta epaile eta erdaldunen alderako beldurra, eta euskaldunen haserrearen beldur gutxi, edo gutxiago, edo batere ez. Ildo horretatik, bigarrenik, euskaldunon asimilazioa ikusten dut izozmendiaren alde ezkutuan. Espainiaren mendeetako menderakuntzaren eta azken bi mendeetako inposizio bortitzaren eta mila debekuen ondoriozko gutxiagotasun konplexuaren eta gaztelaniaz egiteari eder iriztearen eta kolonizatuaren mila morrontza behiala Xabier Letek kantatzen zuen bezala, hots, gure ahultasun ugariak. Zenbat euskaldunek nahiago dute egun euskal administrazioarekin harremanak euskara hutsez izatea?, zenbat funtzionariok idazten ditu errazago txostenak euskaraz edo euskaraz gaztelaniaz bezain erraz?, zenbat politikarik egiten du bere lan politikoa errazago euskaraz erdaraz baino? Denok dakigu asimilazioak gurean beste mila aurpegi dituela: ohituraren eta eskaintza zabalagoaren ondorioz, erdaraz errazago irakurtzearen errealitatea, filmak eta fikziozko telesailak erdaraz ikusten ohituago egotearena, ezinbestezkoa gure egoeran, eta erdaraz hitz egiteko erraztasun gehiago eta adierazkortasun gehiago eta abar. Eta asimilazioak berekin ekarri ohi du norberaren euskararen kaxkartasunarekiko ezaxola, arduragabezia, eta gero eta gehiago erdal kulturan murgiltzea, han bertan goxo egotea, eta gero eta arrotzago sentitzea euskal kulturaren alderako. Nola urtu izozmendi faltsu hori, agerian eder itxurakoa eta ezkutukoa itsusiago eta grisagoa? Politikariek, eragileek, herritarrok denok dugu eginbeharra, eta ez dut makila magikorik baina ez litzateke batere txarra 2016ko Udal Legea eta haren garapenerako Dekretua aurrera atera dutenek lidergo pixka bat erakustea eta argitzea nora jo behar duen euskal administrazioak -Estatutu berriarekin bezala-, konstituzionala dela esatera mugatu beharrean, beldurrak uxatuz, eta halaber, euskaldun sentitzen garenok euskaraz funtzionatuko duen administrazioa galdegitea, asimilaziotik desasimilaziora joz eta euskal nazioa eraikitzera. Bestela, besteak beste, Euskaraldiak eta, borondate eta ahalegin guztiak gorabehera, ekitaldi folkloriko hutsetan jausteko arriskua izango dute. 8. Amaordearenera egingo ote dute ihes? 2019-11-29 Jo dezagun arrazoi praktikoen bila euskal nazioaren etorkizuna zirriborratzeko. Egun lan-mundua denok jotzen dugu arlo estrategikotzat euskararentzat, hots, euskaldunen etorkizunerako. Zenbat lanpostutan da beharrezkoa euskara gaur egun? Sabino Aranak zioen euskara salbatuko zela bere lurraldean bizitzeko beharrezkoa izatera iristen zenean. Beste modu batera esanda, zioen euskara beharrezkoa izatera iristen ez bazen, herri edo hirietatik urrunen zeuden baserrietan ere sartuko zela erdara eta partida irabaziko ziola euskarari, partida irabazten hasia zegoen bezala baserrietan ere, berak esatera, Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zuen garaian, duela ehun eta hogeita bost urte inguru. Hartatik gaur egunera etorrita: irakaskuntzan, administrazioan, hedabideetan, enpresa pribatuetan, edozein lan sektoreko edozein lanpostu kontuan harturik, zenbat lanpostutan da beharrezkoa euskara? Gaindegia-k edo egin ote du azterketarik?, ehuneko hamarrean bai?, eta zenbatean dira beharrezkoak gaztelania Hegoaldean eta frantsesa Iparraldean, eta ingelesa bietan? Ez daukat daturik, eta intuizioekin baino ez naiz ari; hortik ehuneko hamarreko portzentaje hori. Hurrengo berezko galdera eratorria da: euskara eskatzen den lanpostu horietan zer-nolako ezagutza galdegiten da: zenbatean B1?, zenbatean B2?, zenbatean C1?, eta zenbatean C2? Administrazioetan, onenean, zerbitzuetako langileei B1 eskatzen zaie, udaltzainei B2, ertzainei beste horrenbeste gehienez...; gero C1 daukatenetako batzuek euskaraz lan egiten dute, beste batzuek erdaraz, eta C2ko denek ere ez dute euskaraz lan egiten. Maila hori eskatzeaz gainera, zerbitzu-hizkuntza gisa lan egiteko soilik ala zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa lan egiteko eskatzen zaie? Horiek lan-munduari dagozkionak. Lan-mundua baino lehen, formakuntza-urteak daude. Denok dakigu irakaskuntzak ez duela euskararen ezagutza unibertsalizatzen. Zuzeu-ko pentsamendu bat Mikel Basabe Kortabarriari ostu eta hona aldatzea zilegi bazait, etorkizunari begira jarrita, irakaskuntzako panorama ez da ikuspegi euskaltzaletik bozkarioz suziriak botatzekoa! : “...Azken bost urteetako matrikulazio-datuak hartuta, D ereduak atzera egin du lanbide heziketan, hala erdi mailako zikloetan nola goi mailakoetan. B ereduak, berriz, gora egin du. Arazoak? Hainbat. Esaterako, D ereduko zikloen eskaintzak ez duela aurrera egiten. Esaterako, matrikulazio-garaian D ereduko zikloak eskaini bai, baina gero ez direla osatzen (eta, ondorioz, ikasleak B eta A ereduetara eroaten direla). Esaterako, 4/2018ko legearen 27. artikuluko 3. puntua, zeinean, zeharka bada ere, zonifikatu egiten baita lanbide heziketaren eskaintza, eta onartu egiten baita ikaslearen eskubidea barik, administrazioaren erabakia dela zein eredutan ikasiko duen lanbide heziketako ikasle euskaldunak. Bigarren arazoa, D eredua bera kolokan dagoela. Hezkuntza Sailak agindu digu Hezkuntza Legearen proiektua berehala igorriko diola Legebiltzarrari. Proiektu horretan ereduak ‘gainditzeko’ proposamena egiten bada, 3L sustatuta ikastetxe guztietarako, eta 3L hori Hezkuntza Sailak berak 2011n argitaraturiko ‘Hezkuntza-marko hirueledunaren esperimentazio-prozesua. Dokumentu markoa’ izeneko agirian jasotakoarekin bat diseinatzen bada, 3L eredu berrian euskarak, onenean ere, ikasgaien %60 izango lituzke. Alegia, gaur egungo B eredutik gertuago, D eredutik baino. Onenean diot, ikastetxearen erabakia izango baita zenbat ikasgai emango den euskaraz: %20 gutxienez, %60 gehienez.” Lan-munduko eta irakaskuntzako egoera objektibo zirriborratuari -hipotetikoa noski, datu objektiboen faltan-, eransten badiogu euskal herritarren -elebakar, elebidun, hirueledun-, gero eta joera praktikoagoa, hots, identitate kontuei, euskaltasuna eta abertzaletasuna bezalako balioei -gure gazte denboran egun baino axola handiagokoak-, iskin egiteko isuri nabarmena, eta helburu nagusitzat lan-mundurako ondo prestatzea eta lanpostu onenak lortzeko lehian garaile irtetea bide dutela; hori guztia kontuan, alarmista izatea ote da esatea euskal herritarrak onenean ehuneko hamarrean, hortxe nonbait, izango direla euskal naziokoak eta gainerako ehuneko laurogeita hamarrean nazio arrotzetakoak?, ala nahikoa da euskal herritar bat euskal nazioko jotzeko halakoak hemengo klima eta gastronomia eta futbol taldeak gogoko izatea? Heribert Barrera (1917-2011) Kataluniako Errepublikaren aldeko borrokalari handi eta kataluniar independentismoaren erreferenteak zioen Katalunian katalanez mintzatzen ez zekiena, zinez, ez zela katalan sentitzen, baina Euskal Herrian bai: “En canvi, al País Basc, encara que un no parli en euskera es pot sentir perfectament basc” (Genís Sinca: Heribert Barrera l´últim republicà. Columna. Biografies. 2006. Barcelona. 182or. ); ildo horretatik, onenean, ehuneko hamarrean euskal nazioko herritarrez osaturiko eusko gizartera ote goaz? Kopuruz eta kalitatez hain murritza den nazio bati eusterik ba ote dago ala amaordearenera egingo dute ihes euskal gazteek, hain nazio kaxkarreko kide izateari kaxkar iritzirik? 9. Euskararen bidegurutzetik 2019-12-09 Euskaltzale eta abertzaleok errealitate desatseginarekin egin ohi dugu topo nahi baino toki eta egoera gehiagotan, eta modu eta era askotara eguna joan eta eguna etorri, eta halaber, Zuzeu-n, etsipenezko komentario askotxo irakur daiteke euskararen eta Euskal Herriaren patu eta halabehar halamoduzkoaz. Jakinik Kike Amonarrizek liburua atera duela artikulu honi eman diodan izenburukoa, di-da batean irakurri dut bururik buru. Gogoan dut duela urte mordoxka J.M. Odriozolak eta K. Amonarrizek eztabaida bizi bat izan zutela: esan dezagun labur-zurrean eta sinplifikatuz, bi ikuspunturen bozeramaile gertatu zirela; Odriozolaren arabera, erdaren alde funtzionatzen duten egiturak (sozial-politiko-kultural-ekonomikoak) eraldatu gabe, euskaldunon boluntarismoa udazkeneko hego haizea da, eta Amonarrizen arabera, aldiz, boluntarismoa aktibatzea axola handikoa da, eta egituren garrantzia ukatu gabe, ezinbestekoa. Liburu honek Amonarrizen eboluziorik ageri ote du?, ala lehengo lepotik jarraitzen ote du, funtsean? Galdera horiek nituen buruan liburu honen irakurketari ekitean. Esan liteke, hondarrik hondarrenean, atxikitzen duela Amonarrizek gorago aipaturiko eztabaidan defendaturiko ikuspegia, hots, euskaldunok sozialki ahalduntzearen axola itzela, baina euskararen aldeko politiken beharra ere ahobizarrik gabe erantsirik. Azken hauek premiazkoak dira, baina euskaldunon aktibazio sozialik gabe, Irlandan gaelikoak duen estatusa dugu hodeiertzean, suntsitze bidea, alegia. Itxura batera tolosarrak kaxkarina eman dezake, gutxirekin kontentatzen dena, edota gidoi eta eskakizun sozial-mediatikoek horixe eskatzen diotena, baina irakur itzazue esaldi hauek: “Azken batean, hizkuntzen inguruko borrokak eta eztabaidak botere-borroka ere badira, errelato-borroka (...) Horregatik, iruditzen zait euskararen aldeko gure planteamenduei oinarri etiko eta diskurtsibo sakona, integratzailea eta demokratikoa eman behar diegula, balio aurrerakoietan sustraituta, hizkuntza-normalizazio prozesua gizarte hobe, askeago, berdinzaleago eta justuago baten eraikuntza-prozesuaren zati banaezina delako. Eta horrek gurean esan nahiko luke (...) euskara hizkuntza nagusi eta komuna izango litzatekeen egoera eleaniztun batera iristea, non bestelako hiztunen hizkuntza-eskubideak ere errespetatuko diren. Egoera normalizatu horretara iristeko, euskararen ezagutza eta erabilera sustatuko duten hizkuntza-politikak ezinbestekoak dira, eta, euskarak nozitu duen bazterketa eta jazarpen historia aintzat harturik, diskriminazio positibo hori guztiz demokratikoa eta justiziazkoa dela irmoki defendatu behar dugu. Are gehiago “erreparazio historiko”tzat ere har liteke, eta horrela gutxitan planteatu bada ere, justizia leheneratzailearen (“restauratiboa”, alegia) eskemetan planteatu.”(43 or. ). Beraz, euskararen normalizazioari, oinarri etiko eta diskurtsibo sakona erantsi beharra. Eta diskriminazio positiboa, eta justizia leheneratzailea. Egia gertatzeko ederregia?, idealistegia? Edozein planteamenduri egin dakizkioke erreparo horiek. Jarraitu dezagun liburuko zatirik politikoenak aldatzen: “Euskarak iraun dezake estaturik gabe (orain arte egin duen bezala) ala estatuarekin, eta desager daiteke estatuarekin ala gabe. Baina euskararen normalizazioa bultzatu eta euskararen erabilera sustatuko lukeen balizko euskal estatu batek berme gehiago eskainiko lituzke espainiar eta frantses estatuen menpeko gaur egungo zatiketa administratiboak baino, estatu hori independentea, konfederatua edo dena delakoa izan. Horretan ez dut dudarik. Historian atzera begiratu besterik ez dago ikusteko estatu frantsesak eta espainolak, salbuespen apurrak salbuespen, historikoki joera homogeneizatzailea izan dutela eta hizkuntza-aniztasunarekiko uzkurrak izan direla, edo zuzen-zuzenean aurkakoak (...) Hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik ere, euskaldunok ahalik eta burujabetza-mailarik handiena eta eremu administratibo desberdinen arteko harreman ahalik eta estuena lortzen saiatu beharko genuke (...) Zenbat eta botere politiko gehiago izan, orduan eta aukera gehiago izango ditugu euskararen eta euskal hizkuntza-komunitatearen geroa bermatzeko. Zentzu honetan, euskal estatu batek kanpo-injerentziarik gabeko hizkuntza-politikak blindatzea eta bideratzea erraztuko luke. Eta hori hainbat egitura politikoren bidez berma daiteke; ez oraingoekin, ordea. Baina XXI. mende honetan euskaldunok lortzen dugun burujabetza-maila lortzen dugula ere, gaur egun ditugun arazo eta erronka gehienek bere horretan jarraituko dute, independentzia lortu duten eta hizkuntza gutxituak dituzten munduko estatu gehienetan gertatzen den bezala. Edozein estatus politiko lortzen dugula ere, eta mende honetan zehar, eremu batzuetan edo askotan euskarak nagusitasuna lortu arren, gaztelaniak eta frantsesak jarraituko dute Euskal Herriko eremu askotan hizkuntzarik nagusienak eta erabilienak izaten, aldaketa soziolinguistikoak mantsoak izan ohi direlako eta aurrean ditugunak oso hizkuntza indartsuak direlako. Euskarazko eskaintza asko hobetu eta hedatu arren, hedabide eta ikus-entzunezko eskaintza eta kontsumoa proportzio handi batean (nagusian?) hizkuntza hegemonikoetan izango da (kasu honetan, gaztelaniaz edo frantsesez izan beharrean, seguruenik ingelesez). Euskal Herritar askoren etxeko eta ohiko hizkuntzak euskara ez bestelakoak izaten jarraituko dute, eta iristen joango diren etorkin gehienek ez dute euskararik berehala ikasiko, baina, topatuko duten egoeraren arabera, beren seme-alaben erabilera-hizkuntza nagusia euskara izango da ala ez. Alegia, estatu bat edo estatus politiko berri bat oso lagungarriak gertatu arren, hizkuntza-normalizazio prozesua ez dela hor amaituko”. (180-182 orr. ). Errealitatearen pertzepzio errealista-objektiborik ez zaio falta, falta ez zaionez! Segur aski euskaltzale gehienok ados egongo gara iritzi horiekin. Zenbaitetan, inkesta soziolinguistikoen emaitzen irakurketa baikorregia iruditu zait (parentesia gorabehera): “80ko hamarkadaren hasieran euskal ereduetako matrikulazioaren portzentajeak eta euskararen ezagutzarenak %20 inguruan zebiltzan; alegia, 5 gaztetik bakarra zen euskalduna edo euskal ereduetan matrikulatua. Gaur egun 5etik 4 baino gehiago dira. Hori da belaunaldi batean lortu dena. EAEn eta Nafarroako Iparraldean ia ezagutzaren unibertsalizaziora iritsi gara haur eta gazteen artean (ezagutza hori mugatua baldin bada ere kasu askotan), beste eremuetan ere portzentaje gero eta esanguratsuagoak ditugularik” (78-79 orr. ). Erabat harturik (350 orrialde ditu), interesgarria, eta ekarpentzat jotzekoa iritzi diot. Gomendagarria. 10. Gotorlekutik (Berria-ko “Gu” artikuluari erantzuna 2020-01-22) 2020-01-24 Ez dut inoiz neure burua euskaldunen gotorlekuko kide sentitu, baina, zuek (Bizkaiko) «ezkerraldetik» gauzak horrela ikusita, baliteke zuentzat hala izatea, eta horregatik, ohar batzuk helarazi nahi dizkizuet, erantzun moduan. Zein dira gotorlekuko benetako euskaldunak? Herri euskaldunetan jaiotakoak izango gara; etxean euskaraz ikasi dugunak, eta eskolara hasi orduko —demagun berrogeita hamarretik gora dugunok—, gaztelania ikasi beharra izan dugunak, eta horregatik eta inoiz herrian bertan edo bestela herritik hirira edo pixka bat mugituz gero, erdaraz egin behar izan dugunak. Norbere herrian norbere hizkuntzaren ukazioa jasan dugunak. Eta guk baino are gehiago, zer esanik ez, gure aurrekoek. Pentsa ezazue momentu batez zein frustragarria den etxean hain natural ikasi duzun hizkuntza horrek, onenean, zeure herriko kalean erabiltzeko baino balio ez izatea, edo kalean batzuekin bakarrik hitz egiteko era informalean, eta eskolarako baliorik ez izatea, administraziorako eta hedabideetarako ere ez, eta askotan lanerako ere ez. Hori ez duzue aipatzen artikuluan, ez duzuelako hori bizi izan. Hortik abiatu gara, herri-hizkera etxean natural ikastetik, bere aberastasunekin eta aldi berean bere muga guztiekin, Gaztelan edo Extremaduran etxean soilik ikasitako gaztelerak dituen mugekin alde batera, baina aldi berean muga gehiagorekin, hizkuntza artean batu gabe zegoelako eta gizartean arlo gutxitan erabiltzen zelako. Benetako euskaldunak izateaz harro? Bai, alde batera, harrotzekoa, baina bestera, zenbat aldiz entzun dugun «zein motza den euskaraz bakarrik jakitea», zenbat gutxiagotasun konplexuren jasaile eta eroale ere izan diren eta garen, eta gorago esan bezala beti beharturik, ustez Euskal Herrian egonagatik, hizkuntzaz aldatzera gutxi-asko ezagunak izango zaizkizuen hamaika arrazoirengatik. Zuek beste era bateko zapalkuntza jasan duzue bizi-baldintza hauetatik: «Guk beti gaztelaniaz hitz egin dugu, Espainiako familia migratzaile pobreen ondorengo garelako edota Euskal Herriko hiri/herri erdaldun batean hezi garelako. […] Gu ez gara subjektu pribilegiatu zapaltzaileak, estrategia inklusiboen faltaren ondorioetariko bat baizik». Idatzi honen xedea ez da elkarri errua botatzea, elkar ulertzeko bidea jorratzea baino, hori bai bakoitzaren esperientziatik eta egiatasunez, ahal den neurrian. Zuen aurrekoek eta zuek ere beste neurri batean, lurralde berri batera joateak eskatzen duen egokitzapen gutxi asko neketsua eta gogorra jasan behar izan zenuten, baina, hizkuntza aldetik, ziur nago ez zenutela apenas arazorik izan. Eskolan bizi izan zenutena; gorago esan dut, guk alderantziz bizi izan genuen. Ematen du, diozuenagatik, benetako euskaldunok denok bloke, komunitate homogeneo bat osatzen dugula. Ez nator bat. Euskal herri txiki edo handi samar batean, eta kalean jaiotakoak, edota, aldiz, landa ingurunean jaiotakoak, edota herri handi erdaldundu edota hirietan jaiotako euskaldunek txikitan markatu gaituzten esperientzia ezberdinak bizi izan ditugu eta ez gara inola ere berdinak. Gustu ezberdinak ditugu, sentikortasun diferenteak, eta denok ez gara bertsozaleak edo herri kirolzaleak edo… «Zein ondo hitz egiten duzun ezkerraldekoa izateko, euskaldun berria eta euskaraz liburu bat idaztera ausartu zara?» nik neuk hor behintzat diskurtso baztertzailea baino zuen hipersentsibilitatea sumatzen dut, eta honako honetan ondorio kezkagarria bezain baztergarria: «Gainera, badute bere eragina ‘gure’ euskal komunitatera geureganatu garen kide berriongan; komunitatea bera etsaitasunezko sentitzea eta bertatik urruntzea lortzen baitute askotan. Zenbatetan txiokatu behar izan dugu gazteleraz gehiegitan arreta deitu digutelako gure euskararen ‘maila eskasa’ dela eta?». Ziur nago euskaraz egiten diren hanka-sartzeak erdaraz egingo balira, hedabideetan luzaroan beste konturik ez litzatekeela egongo, eta Hezkuntza Sailak neurriak hartuko lituzkeela. «Nahi duguna da euskararen esentzia horren atzean gertatzen diren prozesu subjektibatzaileak erdigunean jarri». Bi joera nagusi sumatzen ditut euskaldunen artean; bata da: elkar gaitezen giza eskubideak urratuak sentitzen ditugun guztiok: feministak, migratzaileak, pentsionistak eta LGBT, eta euskaltzaleak; eta, gainerakoentzat, aldiz, euskararen aldeko borroka ez da giza eskubide demokratiko horiekin lotu behar, estatua duten nazioetan (Espainian, Frantzian…) lotzen ez den bezala. Ez naiz hegemonikoa sentitzen, eta ez zaituztet euskaldun sasikotzat hartzen, baizik eta komunitate bereko. 11. Euskara euskaldunon arazo? 2020-02-03 Bizi garen gizarte erdaldundu honetan ematen du euskararen kontuak euskaraz bizi nahi dugunon arazo direla soil-soilik, eta ez herritar guztienak. Politikoki eta administratiboki Euskal Autonomi Erkidegoan, Euskal Hirigune Elkargoan edota Nafarroako Foru Erkidegoan bizi garen euskaldunok badakigu euskaraz gain, gaztelania edo frantsesa -beste hizkuntzak beste-, eta, aldiz, aipatutako hiru eremu administratibootan bizi diren askok ez dakite euskaraz, eta EAEn osorik eta NFEn partez euskaldunoi eskubideak aitortuagatik, euskaraz jakiteko betebeharrik ez dagoenez, euskara unibertsalizatu gabe dagoenez, euskaraz bizi nahi dugunon arrangurak eta kezkak gure arrangurak eta kezkak dira bakarrik, hein bateko elkartasuna elkartasun, pentsiodunen kontuak pentsiodunenak diren bezala, edota LGBT kolektibokoen arazoak haienak soilik diren bezala, edota feministenak emakumeenak, edota migratzaileen aferak migratzaileenak. Gauzei horrela begiratuta, iduri du aterabidea dela goian izendatutako gizatalde zapaldu eta erdigunetik periferiara bazterrarazitako guztiok batu eta elkarrekin borrokatzea, pixkanaka periferiatik erdigunerantz eginez joateko, baina kontutxo bat gelditzen da hor ezkutuan, batere kontutxoa ez dena, baizik eta giltzarri eta ardatz, eta da pentsiodunak beti egongo direla, LGBT kolektibokoak eta emakumeak eta migratzaileak ere bai, mundu globalizatu honetan, baina gerta litekeela, asko baino lehen, euskaraz normal samar bizi garenak gero eta gutxiago izatea eta, esate baterako, Eskozian gaelikoz bizi direnak bezain urriak izatera iristea, non eta ez zaion euskararen eta euskaldunon aurrerapenari beste norabide bat eta bultzada politikoa ematen. Goraki eta hedatuki aldarrikatu beharra dago euskara gure herriko eliteek ia beti zokoratu izan dutela azken mendeetan, eta elite horiek men egin diotela Gaztelatik zabaldu den gaztelaniaren inposizioari Euskal Herri penintsularrean, eta Paris ingurutik hedatu den frantsesari Euskal Herri kontinentalean -oroit “eraztunaren” eta antzeko jolas maltzurrak eskoletan, eta batzar nagusietan edo biltzarretan, gaztelania edo frantsesa jakin beharra diputatu izateko-; gure elea ez dela landu unibertsitate eta apaiztegietan, ez gorte eta bestelako botereguneetan, eta mendeetako zokoraketa eta landu-ezari ezin zaiola aurre egin, onenean, eskubide indibidualak hein batean errespetatuz soilik, baizik eta askoz politika eraginkorragoak behar direla abian jarri eta garatu. Euskal Autonomi Erkidegoan, legez, herritar guzti-guztiek dute eskubidea gaztelania ez ezik euskara ikasteko Oinarrizko Hezkuntza Orokorrean, eta, halere, jakina denez, neurri apalean betetzen da hori, eta ez da neurririk hartzen hori iraultzeko. Ez dakit nola ez dagoen kexa gehiago derrigorrezko irakaskuntzatik gaztelaniadun bai baina euskaldun atera ez direlako. Amore emate orokortuaren seinale? Gizarte bezala zerk kohesionatuko gaitu: kontzertu ekonomikoak eta hein bateko autonomiak eta gaztelaniak edo frantsesak?, eta euskara, euskaraz bizi nahi dugunon kezka baino ez da izango? Hortik Eskoziako gaelikoaren estatusera goaz, edo bretoierarenera Bretainian. Hori ez da aterabidea. Euskara ez da euskaraz bizi nahi dugunon afera hutsa. Pentsiodunen, LGBTkoen, feministen eta migratzaileen eskubideak aintzat hartzea garrantzizkoa da estatu demokratiko batean, baina euskararen garrantzi politikoa beste bat da, eta euskara erdigunera, gure jendartearen muinera ekartzeak izan behar du gure helburua. Ikuspegi hori gailenarazi behar dugu, horretarako praktika eta legedi egokiak ezarririk. Tempus politikoak eta linguistikoak ezberdinak izango dira; autodeterminazio eskubidea eskuratzea bizkorrago lor liteke berreuskalduntzea baino; haatik, biak dira beharrezkoak. Euskal Herri erdaldunduan euskara ezinbesteko bihurtzea da historian barrena bertako eliteek arrotz eliteekin elkar aditurik eragin dioten bazterketa bidegabeari justizia historikoa kontrajartzea, hots, Euskal Herria berreuskalduntzeko eskubide eta xedeari men egitea eta horretan indarrak jartzea, bazterketak bazterturik. Euskara ikastea eskubide eta betebehar bilakatu ezean, frantses eta espainol itsasoetan suntsituko gara, hamarkada asko baino lehen. 12. Carlos Iturgaitz EAEko PPren buruzagi 2020-02-27 Alonsori lepoa moztu diote eta Iturgaitz berpiztu dute politikoki eta EAEko PPren buruzagitzara eraman. Horrenbestez, pozik egon behar dugu euskaldunok, bien artean egon daitezkeen alde ideologikoak alde batera utzita, lehen ez bezala, orain PPren buruzagiarekin euskaraz mintzatzeko aukera dugulako? Carlos Iturgaitz EAEko PPren buruzagiAnekdota baliatuko dugu, baina egin nahi ditugun galderen irismena urrunago doa: zein profil linguistiko behar da gaur egun EAEn, alderdiek lehendakarigai izateko aurkez zaitzaten? Adierazi beharrik ez dagoena da gaztelaniaz maila ona izan behar dela. Baina euskaraz? Badu gaitasunik Iturgaitzek Gasteizko legebiltzarrean diskurtso politiko gutxi asko landua euskaraz egiteko? Euskara idatziz erabiltzeko gauza da? Ohar labur bat idazteko, txio bat idazteko bai? eta konplexuago bat idazteko, konparazio batera, bere lan politikoari dagokion testu bat idazteko? Ez dugu uste. Horrenbestez, gaitasunari dagokionez, ahozko elkarrizketa erraz eta sinple batzuk euskaraz egiteko gai da bai, baina bere lan politikoak eskatzen duen hizkuntza-gaitasunik ez duela uste dugu, eta oroit beza irakurleak ez garela hiztun arruntaz ari, baizik eta EAEko lehendakari izateko alderdi batek proposatzen duen pertsona batez; horrenbestez, hizkuntza-profil hori izatea aski da EAEn lehendakari izateko 2020an? Gaitasunetik gatozen orain jarrerara, hizkuntzari aitortzen zaion balio ideologiko-politikoarekin zerikusi estuagoa duen euskararen alderako jarrerari erreparatzera. Zer da euskara Iturgaitzentzat? Arbasoen hizkuntza?, eta, horrenbestez, gaztelaniaz gaizki egiten duten adinekoekin mintzatzeko? Ala seme-alabekin, gazteekin, hots, etorkizunean euskal gizartean giltzarri izango diren pertsonekin hitz egiteko hizkuntza?, euskaraz egin nahi dutenekin hitz egiteko hizkuntza bat? Eusko Legebiltzarrean erabiltzeko bai? Ez dugu dudarik egiten gaztelania berarentzat zer den: bere ama-hizkuntza izateaz gainera, 78ko Konstituzioak dioen bezala, gaztelania Espainiako estatuaren hizkuntza ofiziala eta espainiar guztiek nahitaez ikasi behar dutena eta erabiltzeko eskubidea dutena dela, baina euskara? Botoa nori eman erabakitzeko orduan, axola handikoa iruditzen zaigu jakitea zer pentsatzen duten 1982ko Euskararen Legeaz Iturgaitzek, Mendiak, Iriartek, Urkulluk eta Rosa Martinezek edo Gorrotxategik. Gauza bat da gatazkak maite ez izatea, eta bestea gaztelaniaren hegemonia gure gizartean zalantzan jartzeko baliabideei uko egitea behin eta berriz. Ingelesa maila batean edo bestean jakitea aski ez den bezala pertsona bat ingelestzat jotzeko, gaur eta hemen iruditzen zait politikari gailen bat euskaldun jotzeko gaitasun eta jarrera aldetik gutxieneko batzuk galdegin behar dizkiogula, eta, ahoz nola idatziz gaitasun ona izateaz gainera, 1982ko legea euskararen mesedetan aldatzearen alde egotea ere galdegin beharko geniokeela, zeren legea aldatzea ez da nahikoa, baina bozei begira asmo hori izateari axolazkoa deritzogu. Euskararen alderako epelkeriak lozorrotzen gaituen aro honetan, garrantzizkoa da beste planteamendu batzuetan alderdiek zer posizio duten erreparatzen dugun bezala, hemen ere behatzea, eta horren arabera ere erabakitzea botoa nori eman. 13. Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia: antibirusak! 2020-03-27 Aspalditik ari zen, modu askotara, eta kutsatzaile askoren laguntzaz, euskaldunon hizkuntza nazionalaren aurkako birusa lanean indartsu, baina Francoren erregimenak ongi bazkatu, gizendu eta azkartu zuen iragan mendeko 40ko hamarkadan, euskaltzaleen artean desertzioak, euskararentzat gaixotuak eta hildakoak erruz eraginez. Erbestetik, bi antibirus indartsu behintzat sortu ziren; bata, Jokin Zaitegi, eta, bestea, Andima Ibinagabeitia. Lehenbizikoa famatuagoa da; bigarrena, ezezagunagoa; horretxegatik enplegatuko naiz gehiago Ibinagabeitiarekin. Jose Antonio Agirrek eskaturik, espioitza-lanetan aritu izan zen 1943tik 1947ra, eta Deustuan bizi zela, polizia espainiarra etxera joanik ihes egin, eta Parisera heltzea lortu zuen. Han, euskarazko literatur lanerako Jon Mirande eta Txomin Peillen kutsatu zituen -beste bi antibirus!-, eta Zaitegiren deiari erantzunik -jesuitetan, Loiolako ikastetxean, ikaskide eta euskararen aldeko mintegiaren sortzaile izan ziren biak-, Euzko-Gogoa euskarazko lehen kultur aldizkaria sortu zuten. Euskara hutsezko lehenbiziko kultur aldizkari hori burutan ateratzeko, batetik, jesuita euskaltzalea izateagatik hara haizatua izan zen Zaitegi; bestetik, haren lagun eta euskaltzaletasunean gogaide zen Ibinagabeitia, Deustutik hasiera baten Parisera joana; eta, nazionalista zelakoan salatua izan zen Orixe idazle miretsia, Ameriketan zebilena desterruan, Guatemalan elkartu ziren hirurak. Maisutzat zuten Orixek sei bat hilabete egin zituen beste biekin, eta Zaitegi eta Ibinagabeitia ere ez ziren luzaroan egon elkarrekin, baina gorabehera pertsonalak gorabehera pertsonal, lortu zuten 50eko hamarkada osoan aldizkariari eustea, 1950-1955 epealdian Guatemalatik, eta 1956-1960 epealdian Miarritzetik. Balentria ikaragarria: antibirus lan itzela! Hark lantzen hasitako lurretik etorri dira Jakin (1956) eta gainerakoak, etorri direnean. Ibinagabeitiak ongi idazten zuen euskaraz. Han eta hemen idatzitako artikulu jakingarriei (P. Sudupe 1999) erantsi behar zaizkie euskara txukun-bizian idatzitako bi mila eta gehiago gutun (P. Urkizu 2000), berrehun lagun eta gehiagorekin trukatuak. Haien bitartez, hainbeste desertzio eta euskararentzat hildako eragin zituen francobirus bortitzaren aurrez aurre idazle-sare bat eratzea lortu zuen, penak konpartitzeko, batetik, eta elkar adoretzeko, bestetik. Euskara eta politika uztartzeko, besteak beste, Irrintzi zeritzan aldizkaria sortu zuen Caracasen Matxari eibartar exiliatuarekin batean. Ibinagabeitia abertzale jeltzalea bazen ere, asko sufriarazi zioten alderdikide erdaltzaleek. Aldizkari hartan idatzitako artikulu batean, euskararen aldeko organizazio bat sortzea proposatzen zuen euskal matxinadari ekiteko. Matxinada horren aurkako birustzat honako hauek salatzen zituen: • Abertzaletasunaren larrupean estalita, erdaraz ari diren idazle, hizlari eta aldizkariak oro, geuretik hasita [Alderdi aldizkariagatik ari zen]. • Euskara ukatzen duten Auzitegi eta Tribunalak. Euskara ezesten duten izparringi, aldizkari eta abar. • Euskara ostikopean darabilten herri-agintari eta udaletxeak. • Euskararen aurka ari diren elizgizonak: Obispo, apaiz, lekaide, lekaime eta abar. • Guraso zabarrak, eta emazteki erdaltzaleak. • Euskara laidotu eta irainduko lukeen edonor. Aipatu etsaiak oro, gure indar guztiekin lotsatu eta isiltzen ahaleginduko gara, agerian eta estalian, erruki gabe, beldur gabe, baina gezurrik gabe. Horra hor, odol gabeko matxinada, hala ere kementsuen matxinada, sendoena, gudari azkarrena, herri osoarena, ez txepelen matxinada, ezta euskotar salduena ere. Bihotzeko gaitzak eta Caracasen 1967an gertaturiko lurrikarak eraman zuten hilobira Andima Ibinagabeitia elantxobearra, baina nire gogotik behintzat ez dute eraman. Euskararen gainekoak amildegitik behera jaurtitzeko gogoa etortzen zaidanean, Ibinagabeitia buruz irekia eta bihotz handikoa etortzen zait oroimenera: hark Parisen, Guatemalan eta Caracasen egin bazuen lan euskararen aurkako antiburusak suntsitzearren, guk ezin jaurtiko ditugu ba euskararekikoak labarretatik behera, euskararen aurkako birus-hedatzaile andanaren pozbiderako! 14. Ibinagabeitia eta Txillardegi: antibirus indartsuak! eta II 2020-04-01 Honen aurrekoan, Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia izendatu genituen euskara ahultzeko eta hiltzeko birusaren aurkako ahalmen handiko antibirus gisa; oraingoan, Ibinagabeitia Zuzeu-ko irakurleentzat askoz ezagunagoa den Txillardegirekin lotu dut. Zaitegi eta Ibinagabeitia aitonatzat bezala, Txillardegi aitatzat jo dezakegu euskaltzaleok merezimendu osoz. Ibinagabeitiaren eta Txillardegiren harremanetara etorririk, bien artean formakuntzaz, eta ideologiaz eta mentalitatez alde handiak bazeuden ere, Txillardegi ezkertiarrago eta elantxobearra eskuindarrago, eta bizkaitarra jesuitetan ikasia izaki autore greko eta batez ere latindarraren ezagutzaile eta miresle -Virgilio eta Ovidioren obrak itzuli zituen-; Txillardegi, aldiz, kultura modernoa(goa)ren eta J-P. Sartre eta B. Russellen miresle izanagatik, abertzaletasunak eta euskaltzaletasunak lotu zituen. Gatozen lotura horiek argitara ateratzera. Elkarri egindako gutunetan oinarrituko gara, ez baitzuten bekoz beko elkar ezagutu. Ibinagabeitiak Caracaseko erbestetik Belgikan erbesteraturik zegoen Txillardegiri egindako lehen gutunean ziotson, besteak beste, ETA erakunde berrian, euskarari behar eta merezi zuen lekua emateko idatzi eta gainerakoetan. Txillardegik, lehenik, aditzera eman zion buruz buru ez ezaguturik ere, idatziz ezagutzen zuela Euzko-Gogoa eta Irrintzi-ko artikuluetatik, eta bera euskaltzale eta abertzale izanik, beti lankide eta gogaidetzat ere eduki zuela. Abertzaleen artean euskarari eman beharreko lekuari zegokionez, Txillardegik erantzun zion bera erresistentzian norbait izan zen artean, ahalegindu zela euskarari duen garrantzia aitortzen, baina, orduan, Belgikan zegoenez gero Frantziatik kanporatua izaki, ezin zuela ezer egin. Eta jarraian honako hitz esanguratsu hauek idatzi zizkion: Euskal Herria euskaldun herria baizik ez da. Nere ustez, gañerakoak ipuiak dira! Nere aberria, eta zeurea EUSKAL HERRIA da, eta ez Euzkadi. Euzkadi´k Euskal Herria salba dezake, eta Euzkadi sortu gabe hil egingo da. Baiña gure Aberria EUSKAL HERRIA da, eta ez Euzkadi. Ni abertzalea naiz ehunetik ehun, eta ehunetik ehun Euzkadi Askatuaren aldekoa, baiña ez ditut nahastutzen Aberria eta Erresuma. “Abertzale” izeneko batzuk bai; baiña, benetan esaten dizut, nere ustez gure herriak hau ikusi du, eta hobe gaude sekulan baiño (1966-05-30). Internet: Andima Ibinagabeitia. Gutunak 2, 301. Nolatan idatzi zion lehen gutuna Ibinagabeitiak Txillardegiri, hura buruz buru ez ezaguturik, eta bien artean alde-aldera hogeita lau urteko aldea egonik? Gutun hori idatzi baino lehentxeago honela idatzi zion Nemesio Etxaniz apaiz poetari -azkoitiarra ere gutunen bitartez baino ez zuen ezagutzen elantxobearrak-: Oraintxe irakurri dut Txillardegiren liburu berria: Huntaz eta hartaz. Lan sakonak dakazkinak eta ederki idatziak (...) benetan irakurgarria liburutxoa. Beinipein gazteok exenplu ederrik ematen die gure politiko zarrakituei, inoiz ere euskerarik lumartean artzen ez duten oriei eta artuko ere ez. (1966-I-4). (P. Urkizu 2000: 296) Handik laster berriz ere, Ibinagabeitiak Nemesio Etxanizi: Irakurri dut Txillardegiren liburu berria; arekin bat nator gauza askotan, eta arrazoi guziak ematen dizkiot euskera kontuan batez ere. Gure abertzale ergelak ez besteak, euskera ondatu besterik ez ziguten egin. Etzuten jakin aberri izkuntzari daukan garrantzirik ematen, eta oraindik ere eztute ikasi...Gazteok barriz euskera daukate gure aberriaren zimendutzat, eta ortan arrazoi guztia daukate euskotar izeneko orien aurka...Jakingo duzu zer nolako artikuluak agertu diran Tierra Vascan euskeraren aurka eta erderaren alde...Alderdi ortakoak eta bestelakoak erdera goraipatzen ari diranak alegia, espainiar ustel batzu besterik eztira, eta ez euskaldun, gainera gure arerioak bainon are arerioagoak eta kaltegarriagoak (1966-II-15). (P. Urkizu 2000: 300) Garbi ikusten da aberritzat Euskal Herria izatea, eta estatua Euskal Herria bizi zedin nahi zutela biek ala biek, eta horretan erabat bat zetozela Ibinagabeitia eta Txillardegi. Gutunok elkarri trukatu zizkioten urtean (1966), ikastolen mugimendua indarra hartzen hasia zen, eta laster euskalduntze eta alfabetatze mugimendua. Ez zen gezurra herria hasia zegoela hizkuntzaren garrantzia ikusten. Handik hona ikuspegi hori erabat galdu ez, baina moteldu bai asko moteldu da, hainbat konplexu, hainbat desertzio eta hainbat barne-etsai tarteko. Bi hitzetan: erdaltzaleak nagusitu dira. Bestelako etsenplua eman digute Ibinagabeitiak eta Txillardegik. Guri dagokigu jarraibide euskaltzale-abertzale sakon hori atxikitzea eta ahal dugun heinean lau haizeetara hedatzea. 15. Nolakoak garen gaur egungo euskaldunok! 2020-05-01 Itxialditik pixkanaka kanporatzen hasteko gauden honetan, plaza digital honetan bertan zein artikulu xumea bezain atsegina irakurri ahal izan dudan, Hiromi Yoshida japoniar euskaldunak Azpeitiko Uztarria aldizkariko apirileko alean argitaratua “Aldatu ez direnak” izenburupean. Lehenik dio 1985. urtean Euskal Herria lehenbizikoz bisitatu zuenetik hona, gauza asko aldatu direla gurean. Txakur-kaka gutxiago omen dago bazterretan, kaleetan txakur gehiago ibiliagatik -txukunagotu gara, beraz-. Txikiteoa asko jaitsi dela eta ardo kontuan mokofinago eginak gaudela -sibaritagoak-. Euskararen egoera ere aldatu omen da, eta euskara bera ere -ez du aldaketaren baloraziorik egiten-, eta halaber euskaldunen izaera eta harremantzeko modua ere digitalizazio eta globalizazioaren ondorioz, baina ba omen dira gure ohituretan aldatu ez diren gauzak, eta horietxek dira hain zuzen komentatzen ari naizen artikuluaren mamia, eta idazten ari naizen honen mintzagaia ere. Oso ideia ona eta oso esanguratsua da, oroz lehen, euskalduna zer den definitzetik hastea: “artikulu honetan “euskaldun” da “euskaraz bizi den euskal herritarra””. Asko murriztea da kopuru aldetik, zeren zazpi euskal herrietan hiru milioi inguru baldin bagara euskal herritarrak, euskaraz bizi garenok zenbat ote gara?, hobe kopururik ez arriskatzea! Badu garrantzia hausnartzeak nor mintzo zaigun euskaraz bizi garen euskal herritarroi? Beti interes handia piztu izan dute gure herritik igaro diren bidaiari atzerritarrek nola ikusi gaituzten, haien bitartez geure burua ispiluan islatua ikusteko, oroitzapen txarreko Aymeric Picaudengandik hasita, askoz oroitzapen hobeagoko W. Humboldt eta V. Hugorenganaino, besteak beste, eta Hiromi Yoshidaren kasua gehiago hurbiltzen da azken horiengana, batez ere Humboldtengana; izan ere, denbora dezente eskaini zion prusiar politikari eta jakintsu handiak euskarari eta euskaldunoi, eta horixe da japoniar euskaldunduaren kasua ere, hizkuntza ez ezik literatura aldetik zubi-lanean baitabil urteetan japoniar kulturaren eta euskal kulturaren artean. Zein etsenplu ederra ematen digun! Baina gatozen harira: zertan ez gara aldatu euskaraz bizi garenok, Hiromi Yoshidaren ikuspuntutik? Xuhurra eta zekena izatea gaitzesten omen dugu, eta, jeneralean, eskuzabalak omen gara. Halaber, oso adeitsuak euskaraz zerbait dakiten kanpotarrekin. Langile onak, bestalde, lana ondo egitea gustuko dugunak. Askatasunzaleak, bakoitzak bere bidea egitearen aldekoak, eta solidarioak laguntza eske datorkigunarekin. Garbi dago inguruan egokitu zaizkion euskaldunek bihotza irabazia diotela, hainbeste dohainez hornituak irudikatzen gaituenez gero...; eta bertuteetatik akatsetara etorriz, hauxe hautematen digu: “hamar solaskideren artean euskaraz ez dakien bat bakarra dagoenean, erdaraz egiten duzue haren onerako, euskara zokoraturik…”. Gure konplexuak salatzen dizkigu. Haiek deitoraturik ere, eta haien desenkusagarri ez aipatu arren, zein etsenplu txarra ematen diguten gizartean pisua duten agintariek eta agintari ustekoek. Esaterako, alkate batek euskarazko jardunean erdarazko hitzak sartzen dituenean, haiek indar gehiago dutelako uste harroan, edota bere burua jakintsu-plantan agertu nahian; egitez, ezjakintasun itzela baino agertzen ez duenean; edota hedabideetan nabarmentzen diren politikariak edo kontseilariak euskaraz irakurtzeko arazoak dituztela garbi erakusten digutenean, esanez bezala gustura egon gaitezkeela euskaraz bizi garenok guregatik irakurtze-lan nekeza hartzen dutelako besterik gabe, hots, hedabideetan klarki agertuz gurean agintari izateko hizkuntza nazionala jakin beharrik ez dagoela, edo bestea dugula hizkuntza nazional; edota euskaraz ariturik ere, beti erdal erreferentziez horniturik dihardutenek, euskal mundua autonomoa ez baizik eta guztiz erdaren mendekoa dela sentiaraziz entzuleari...Zenbat luza daitekeen etsenplu txarren arrosarioa, nahi izatera! Hedabideetan nor agertzen diren horiek herritar xumeagoen euskararen alderako konplexu atxikiarazle gertatzen dira, horrek ez desenkusatuagatik hainbat jokabide tamalgarri. Hiromi Yoshidak ez, hark ukendu gozoa ematen digu bihotzean, bihotz-oneko izaten jarraitzen dugula baieztatuz, eta gorago esan bezala, euskara eta euskaldunak aintzat harturik, japoniar eta euskal kulturaren artean zubiak eraikitzen arituz. Luzaroan horretantxe aritzea besterik ez diogu opa. Eskerrik asko bihotzez! 16. Unamunok ideia arrazistak euskararekiko 2020-07-06 Nondik atera zituen Unamunok 1901ean bere jaioterri Bilbon ospatutako Lore Jokoetan egindako hitzaldian adierazitako ideiak, hots, euskarak ez duela balio mundu modernoan, euskaraz mintzo den Bilbo inkongruentea eta zentzugabea dela, euskarak ezin duela euskotarron espiritu zabal-irekia den bezalakoa aditzera eman, euskotarron arima murriztua dagoela euskara ezdeus delako bizitza modernorako eta alde batera utzi beharra dagoela aurrera egiteko, euskara lehenbailehen hiltzea dela hoberena eta berehala hil dadin lagundu behar diogula. Euskal Herriak Gaztela eta Espainia eta Amerika euskotartu behar zituen, bere espirituz blaitu eta ernaldu baina, jakina, gaztelaniaz. Eskandalu izugarria izan zen Bilbon, eta Euskal Herri osoan. Nondik atera zituen ideia horiek, bada? Erantzunak Joxe Azurmendiren azken liburuan ditugu: Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. XIX. mendeko Renanengandik Unamunorenganaino idazle eta naturalista kate bat dago: A. Hovelacque, etab., batez ere J. Vinson dago, norengandik hartu zituen Unamunok euskaldunontzat tristeki famatu egin zuten ideiak, zeinak XX. mende osoan hainbat euskal idazle gaitziturik euskararen defentsa teoriko-praktikoa egitera eraman zituen: Arana Goiri, Orixe, Lizardi, Lauaxeta, Zaitegi, Ibinagabeitia, Salbatore Mitxelena, Koldo Mitxelena, Martin Ugalde, eta Gabriel Aresti bera Unamunorekin borrokan ibili dira harrezkero. Renanek zioen indoeuropar ez ziren mintzairak eta arrazak primitiboak eta ezdeusak zirela, arrazoiz espirituaren historiatik baztertuak eta “historia gabekoak”, ez, boteretsuagoek, armaz josiagoek baztertuak eta eurenak inposatzearen ondorioz baztertuak, baizik eta berez, ezdeusak zirelako, garapenerako balio ez zutelako zokoratuak. Euskara ere ez da indoeuroparra, beraz, primitiboa eta ezdeusa da bizitza modernoa aditzera emateko. Eta -kontu egin horri!-, ez da gauza bere baitatik garatzeko, ez eta kanpotik ezerk gararazteko ere. Zimeltzea eta hiltzea da bere patua. Vinsonengana etorririk (1843-1926), haren iritzian Euskal Herria guztiz primitiboa da (adiera negatiboan), zibilizazio propiorik gabea, alboan beti herri aurreratuagoak izan dituena, eta kultura aldetik erabat zordun espainiar eta gaskoi-frantsesen alderako. Hiztegia guztiz pobrea du, ideia abstraktuak adierazteko ezgauza: gaskoi, frantses, espainol, eta latin hizkuntzari mailegaturiko hitzak kenduz gero, zibilizazio aurreratuen zantzurik ez du batere ageri. Arraza indoeuroparrekin izandako harremanei esker heldu gara euskaraz mintzatzen garenok bizitza historikoa izatera, eta euskarak ez du inongo interes praktikorik, ez du balio kulturalik ez eta baliagarritasun publikorik batere. Euskaldunak dira: “un peuple illettré qui ne peut se mettre au niveau de ses voisins qu´en oubliant son antique langage”. Euskara ahazturik baino ezin auzo herrien pare jarri alegia. Eta euskal foru, folklore, elezahar, mitologia eta historiak ere ez dute deus originalik. Hizkuntza bakarrik dugu originala, eta hori laster desagertzekoa edo desagerraraztekoa. Horregatik guztiagatik, euskara lehenbailehen sakon ikertzea komeni zen, hil baino lehen, zeren aldameneko hizkuntzak askoz indartsuagoak izateaz gainera, euskarak berak bere baitan ez zuen bizi indarrik bizirik irauteko eta horregatik, euskararen heriotza deitoratzeko baino gehiago zen pozik egotekoa, aurrerapenak eta zibilizazioak irabazten baitzuten horrela. Irakurle ohartua honezkero argiro jabetu da Unamunok non edan zuen eta non elikatu zen Bilbon, bere jaioterrian, 1901ean egin zuen hitzaldian esandako gauzak esateko. Gorago esan bezala, ideia arrazistetan, nahiz eta bera bestela, arrazista biologikoa ez izan. Delako eskola naturalista horrek uste zuen ezen hizkuntza eta arraza konbinatuz, hots, linguistika eta biologia ebolutiboa lotuz, azkenean oinarri eta metodo sendoetan landatu zuela linguistika, Unamuno gaztea liluratu zuen zientzia paristarra, baina hizkuntzalaritzak berehala ahaztu zuen eskola hori. Harrigarria edo lotsagarria dena da Unamunoren diskurtso arrazistarekin Bilboko burges liberalak entusiasmatu eta harropoztu izana, eta gero ideia horiek Espainiako intelektualen eta kazetarien artean guztiz zabaltzea (Ortega y Gasset, etab.). Unamunoren ideiek euskararen ezdeusaz eta baztertu beharraz itzal luzea izan dute, eta egun ere badute. Ondo dago jakitea arrazismo mota baten oinordeko direla, eta horren aurka ari garela euskararen defentsa teorikoan eta praktikoan dihardugunean! 17. Iturriagaren goresmenak “Pentsamenduaren historia Euskal Herrian” liburuan (2020-07-13) Joxe Azurmendiren azken liburu argitaratuan, errebelazio bat izan da niretzat Agustin Pascual Iturriaga hernaniarraren figura (1778-1851) eta hari egindako merezitako goresmenak. Bere garaiko semea eta egungo talaiatik begiraturik, hutsune batzuk ere bazituen euskararen gainean, baina goresgarria inondik ere haren lana. Aurretik Mikel Zalbideren “Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan” (BAT. 2007ko abendua) irakurri izan banu, gutxiago txundituko ninduen, baina biek merezi dute irakurtzea dudarik gabe. Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 1830ean, lehenbiziko aldiz goi-agintari batek euskararen gainbeheraren kezka azaldu zuen eta Sustapen-batzorde bat sorturik hizkuntza-plan bat idazteko enkargua eman zitzaion, eta lantegi horretarako zein aukeratuko eta Agustin Iturriaga aukeratu zen aditu gisa. Hark 1831n aurkeztu zion Batzarrari euskara suspertzeko plana, eta onartua izan zen, baina dirurik ez zuten jarri aurrera eramateko, eta handik laster sutu zen lehen gerra karlistarekin betiko asmo hutsean gelditu zen. Alabaina, txosten horrek merezi du azterketa, Iturriagaren alegiek eta euskara-gaztelaniazko elkarrizketek merezi duten bezala (Diálogos bascocastellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa) eta hala egin dute Zalbidek eta Azurmendik, bakoitzak bere estilo eta asmoekin. Laburtasunaren amoretan, Azurmendiren lanari solik jarraituko diot eta hari ere labur-zurrean. Euskal liberalismoan, dio Azurmendik, chauvinismo nazio-handitarra eta euskaldunaren arlote konplexu zaharra (kolonizatuaren ezaugarria) ezkondu dira. Tradizionalista kontserbadoreentzat, euskara eskolan sartzea euskaldun jendea ideia berrien izurritik immunizatu eta bakartzeko zen, eta progreen ustetan, hezkuntza-elebitasun liberalaren helburua zen euskaldunak erdaldun iaio bihurtzea. Testuinguru horretan, Iturriagak euskaldunarentzat erdararen premia aitorturik ere, ordurarte erabiltzen ziren “eraztun” eta gisakoak baztertu nahi zituen, eta era berean Iturriaga euskaltzale liberal eta kulturadunak ez zuen eskoletan ikusi nahi: “euskaldunon hizkuntzaren aurkako konjurazio sistematiko eta iraunkorra”, hark kultur bizitza eta harreman sozial landuak bere hizkuntza propioan garatzen ikusi nahi zuen euskal jendea. Horretarako euskaldunak: a) bere konplexua eta autogorrotoa gainditu behar zituen, normaltasun guztiarekin euskaraz jarduteko eta ez lotsatzeko jendaurrean, eta b) euskara bera normalizatu behar zuen, Euskal Herri barruan behintzat baliagarri bihurtzeko edozein arlotan. Neurri batean “euskara batua” ikasi. Iturriagak garbi zekusan euskararen galeraren arrazoi nagusia politikoa zela: Baldin eta hizkuntzak desberdinak dituzten herri edo probintziak Estatu edo nazio baten parte izatera igarotzen badira, gobernuak beretzat hartzen duen hizkuntza izango da menderatzailea, zeren interes eta abantaila guztiak elkartzen dira hura landu eta orokortzeko. Gaina hartuko die gainerako guztiei (...) eta haiek itzalaraztera helduko da, erabat desagerrarazteraino. Halakoxea da mende batzuetatik hona euskaldunon hizkuntzaren posizioa gaztelaniaren alderako (320 or. ). Alferrikakoak dira euskararen goraipamenak eta apologiak, edertasunak eta antzinatasunak “alegiako belea bezala geldituko gara, banitatez puztuak eta gaztarik gabe”. Orduan -dena batera doa-, interes praktikoak ere erdararen alde jartzen dira: hura geureganatzeko dugun premia, baldin eta gobernuarekin gure harreman politikoak mantendu nahi baditugu, hainbat lanbidetan enplegatu eta lana aurkitzeko penintsulan edo itsasoz bestaldean. Linguistikoki eta kulturalki ez zen isolatzearen aldeko, baina bai lotura politikoak laxotzearen: “bere iritzia da Madrili buruz lehenagoko estekak laxotu eta independentzia gehiago lortu beharko lukeela Euskal Herriak”; une berean euskal probintzien arteko harremanak tinkotu behar zirela zeritzon eta “Xahok baino lehen errebindikatu du euskal gorputz nazionala beregaindu eta gotortzea. Ikuspide politikook hernaniarrak ez ditu gehiago hedatu tamalez, ororen gain proiektu pedagogikoari atxikia beti”. Euskararen aldeko gogoetari dagokionez, funtsean, bi gauza ikusten zituen beharrezko euskararen salbamendurako: bat, eskolak eman behar duena, hots, normalizazio kulturala; lehenik, euskalkietako diferentziak eta tradiziozko esamoldeak irakatsiz (jada ohiz kanpoko diren hitz eta esaldiekin aberastuko da) eta bigarrenik, “gure hizkuntza aipaturiko elkarrizketekin neurri bateraino finkatua dugula, orokortuko da gure herrian, eta lurralde osoan ulergarri egingo da”. Hizkuntzaren normalizazio sozial horretarako bultzada eta abantaila gizarteak eman behar du: Jada frogatu dugu hizkuntza menderatzaileak ez direnekiko nagusitzen direla menderatuak baino gehiago lantzen direlako. Landu dezagun euskara, eta ikusiko dugu kausa berak ondorio bera dakarrela berekin. Baina, nola landuko dugu euskara, ikusten badugu gure interes eta abantaila guztiak haren aurka daudela? Landuko dugu direlako interes eta abantaila horiek euskararen aldeko bihurturik. (321 or.) Hernaniarra optimista zen bere egitasmoarekin: “Nork daki ez ote dituen bere aldetik euskarak ere berriz bereganatuko egun hizkuntza hilzorian eta desagertzear duten herriak?”. (321 or. ). Eta Azurmendiren konklusioa da Agustin Pascual Iturriaga liberal kulturadun burutsuetakoa izan zela (Jovellanosen maneran), halako liberalak oso gutxi ziren tenorean eta maneran. Beste hainbat puntu argitzeko bezala balio digu Azurmendiren azken liburuak, besteak beste, Iturriagari bere lekua aitortzeko eta egindako lana eskertzeko. 18. Euskarazko egunkari bakarrera kondenaturik? (2020-08-06) Egunotan ikusi dut estrainekoz duela bi urte grabaturiko “'Egunkaria', 1990ean jaio zirenen begiz” bideo gogorra bezain hunkigarria eta tristea aldi berean. Egunkariaren itxiera bortxazkoaren eta orduan torturatu zituztenen eta haien senitartekoen sufrimendu latzaren berri ematen du. Euskaldunok euskaldun izaten ahalegintzen garenean, jasaten dugun eta jasan dezakegun errepresio kultural bortitzaren adierazgarri da bideoa. Halere -seguru nire deformazio partikularragatik izango da-, bideoan ardatza ez den gauza bat gelditu zait iltzatua gogoan. Gara egunkariaren egungo zuzendariaren arabera: Gara gehienbat erdalduna (larunbateko gehigarria, eta bestela, batez beste %20 bai euskaraz? Gainera, maiz informatiboki bigarren mailakoak euskaraz!) orain osoki euskaraz ateratzeak ez luke zentzurik, zeren merkatuan bi egunkarien arteko lehia edo borrokari ekitea izango litzateke, Kain Abelen aurka, eta borroka horretan bietako bat galtzaile aterako litzateke ziur, eta horrenbestez, ez luke ez buru eta ez hankarik. Aizu, Gara ez al da, bada, Berria baino ezkertiarragoa? Iradokitzen da edo interpreta liteke behintzat, erabat harturik EHBilduren unibertsoko euskaldunek -badakit PNVkoek ere irakurtzen dutela Berria baina nago gutxiengoa izango direla-, hedabide bat euskalduna eta beste bat gehienbatean erdalduna nahi dutela, eta lekurik ez duela egungo egoera irauli nahiak, hots, euskaldunari euskarazko bi egunkariren artean hautua egiteko modua eskaintzeko Gara epe baten buruan euskarazko bigarren egunkaria izateko apustuari lotzeak. Bizkitartean, nik uste euskaraz irakurri nahi dugun euskaldunok horixe nahi genukeela: gutxienez bi egunkari, bi telebista eta abar. Ildo beretik, benetan merkatuaren azterketa xeherik egin da, besteak beste, harpidedun eta akzionisten artean-eta? Egin bada, ondorioa izan da oraindainokoan bezala jarraitzea dela onena, eta orduan Gararen zuzendariak arrazoi osoa du, edota ez da azterketa sakonik egin harpidedun eta akzionisten artean-eta, eta arrazoia baino gehiago aitzakia da bere horretan segitzeko urtea joan eta urtea etorri? Badakit paperezko egunkariak gero eta gutxiago saltzen direla. Berriako zuzendariak adierazi zuenez, 2018an, 12 edo 13 mila bazkide zituen euskarazko egunkari bakarrak eta webguneko bisitak, aldiz, 18 edo 19 mila batez beste egunero. Garako zuzendariak ez zuen harpidedunen datuen berririk eman, nagokion bideoan. Hemendik denbora batera, beharbada, paperezkoa desagertu egingo da, eta Interneteko webguneak eta haren laguntzaileak geldituko dira soilik, baina, bien bitartean, jakin nahi nuke ea benetan ezinezkoa den euskarazko bi egunkari izatea 2020an, lehenbizikoak bere bide zailari 1990ean ekin zionetik -errepresio espainiar bidegabeagatik 2003an bigarrengoz berrekin beharra izaki-, 30 urte egitera doan honetan, dataren biribiltasuna probesturik iraultza bat egiteko. Tristea behintzat bada Egin sortu zela berrogeita hiru urtera, haren oinordekoa denak nagusiki erdaraz jarraitzea, eta euskaldunok euskarazko egunkari bakarrera kondenaturik jarraitzea. Bigarren partea Hitzaurrea Abertzaleontzat erreferente handia izan den Telesforo Monzoni buruzko artikuluak dituzue parte honetan lehenbizikoak. Hark Iparraldearekin izandako lotura estua erakusten enplegatu naiz hainbat egitate nabarmendurik, bereziki euskal kulturarekin, eta halaber, zer-nolako garrantzia aitortu dion Nafarroari. J-L. Davantek asko ezagutu zuen, eta hark dioenez, Monzonentzat euskara eta euskal kultura goien mailan zeuden; eta bergarar donibandartuak euskara batuaren alde, euskal antzerki, olerkari eta kantugile bezala egindako lana goretsi du Davantek. Eta sintesi gisa: “Hura aristokrata, katolikoa, xuria, ideia guzietako borrokariekin eskuz esku ari izan da, gorriak barne, helburu eta jomuga bakar horri buruz. Nehor ez bedi ene konparantzaz eskandala: ene ustez, Monzon da euskaldunen De Gaulle. Hura bezala, alderdien gainetik zegoen, izpirituz bederen”. Nafarroaren garrantziari dagokionez, gertakari esanguratsu bat da 1980ko apirilean, Leiren elkartu zirela Herri Batasuneko 24 diputatu eta senatari Nafarroako erregeen hezurren inguruan zin egiteko Nafarroa osoaren alde borrokan jarraituko zutela. Telesforo Monzonek, adinez nagusiena bera izaki, gainerakoei hartu zien zina, eta gero berari hartu zioten. Espero zuten Iparraldeko senideak Hegoaldekoekin lerratuko zirela asko baino lehen. Brouard eta Txillardegi berriz, batez ere Monzonekin izan zituzten harremanen argitan aipatu ditut. Bestera eginez, hauteskunde urtea izan genuen 2019koa. Apirilaren 28an Madrilgo kongresurako ordezkariak hautatzeko deia egin ziguten eta maiatzaren 26an, udal eta batzar nagusietarako ordezkariak hautatzeko, Europako parlamenturakoez gain. Analista politiko batek adierazi zuen Berria egunkarian apirileko bozei buruz, ezen emaitzek berresten zutela EAEn Euskadi nazio gisa ikusten duten hiritarrak gehiengoa direla, eta Gasteizko legebiltzarrean estatus berria aztertzen ziharduen batzordean barne adostasun zabalak lortzeko baldintzak bazirela, eta horretaz gainera, erabakitzeko eskubidea epe erdian gauzatzeko estrategian estatu gabeko beste europar nazioekin batera elkarlanean jarraitzeko oinarriak ere bai. Baikortasun horren aurka arrazoiak ematen dituen artikulua ikusiko duzue. Kataluniako proçes politikoari dagokionez, 155. artikulua defendatu duen alderdiarekin, eta koronabirusaren pandemia garaian, alarma egoera autonomi erkidegoei kontsultatu gabe dekretaturik botere guztiak bereganatu dituen alderdiarekin aliaturik, eta EHBilduko abertzaleak aurkari politiko jotzen dituen alderdiari botoa ematea eta Euskadi nazio gisa ikustea bat datoz? Maiatzeko bozen ondotik, B. Hidalgo euskaltzaleak Zuzeu-n joko handia eman zuen artikulua plazaratu zuen: “Gutun irekia EAJ eta EHBilduri”. EAEn, EAJri eta EHBilduri emandako botoak batu eta gehiengo abertzale garbia osatzen bazuten, zergatik ez ziren elkartzen aipaturiko alderdi eta koalizioko agintariak euskal agenda behinik behin elkarrekin aurrera eramateko? 178 komentario idatzarazi zituen eztabaida honetan plazaratu nituenak bilduma honen amaieran dituzue. Hasier Arraizek egindako autokritika Joseba Sarrionaindiarenaren ildoan, nahiz eta Arraiz sekula ez den erakunde armatuko kide izan, horren akusaziopean kartzelara kondenatuagatik. Ispilu bila, idazle espainiar kritikoek idatzitako liburuen gainean idatzitako bi artikulu ere aurkituko dituzue atal honetan (I. Sánchez Cuenca, J.C. Moreno Cabrera), eta beste lau Kataluniako proçesari buruzkoak, azkena Puigdemonten M´explico liburuaren gainean oinarritua. Halaber, Kataluniako Generalitateko egungo presidente Quim Torrari buruzko bat, eta 2010etik 2015era Kataluniako Generalitateko presidente izandako Artur Masi buruzkoa. Jaime del Burgo Torres historialari frankistaren eta haren seme Jaime Ignacio del Burgori buruzko bat ere bai, Nafarroa EAEtik eta euskal abertzaletasunetik bereizteko lanean maisu abantailatuak izan diren aita-semeei eskainia. Frankismoa Nafarroan gaiarekin loturik, Carmen Garcia Pellonen kasu esanguratsuaz gogoetak. Nafarroan, Ezkerreko soziologia zegoen eremuetan, “garbiketa” eta “erbesteratze” kriminal soziologiko-politikoa egin zen, eta 1978tik aurrera gehiengo-gutxiengoaren joko “demokratikoak” egoera injustu hura iraunarazi du hein nabarmenean. Konfinamendu garaian, iragan inperialak eta frankismoaren herentzia militarrak Espainian duen pisu eskergaren lekuko izan gara. AEBetako presidente Trumpen gaineko bat ere bai. Gobernantza partekatua den gezurraren salaketa ere bai. Joxe Azurmendiren Pentsamenduaren Historia Euskal Herrian liburuan oinarrituriko idatzi bat ere bada, foruen gainekoa hain zuzen. 1. Telesforo Monzon eta Iparraldea 2018-06-29 Duela gutxi «Telesforo Monzon: aristokrata abertzalea» Txertoa argitaletxea, plazaratu da. Idazlea neu naiz. Hori dela eta, «Telesforo Monzon eta Iparraldea» artikulua idatzi dut, eta honekin batean doakizue. Telesforo Monzonen aita Bizente Monzon eta ama Kontxa Ortiz de Urruelarentzat, Donibane Lohizune atseden eta maitasun habia izan zen: han ezagutu zuten elkar, han ibili ziren ezkongaietan, han ezkondu ziren, hain zuzen Senperen, han munduratu zen Francisca bigarren alaba, han bizi izan zen familia osoa -gurasoak eta sei senide: lau alaba eta bi seme, Telesforo premua zela- 1910etik 1914ra -hantxe egin zuen lehen jaunartzea Telesforo Monzonek- eta hantxe hil zen 1913ko eguberri egunez, gauerdian, pianoa jotzen ari zela Bizente Monzon, Telesfororen aita. Haur zela ezagutu zuen, horrenbestez, Telesforo Monzonek Donibane Lohizune. Amaren eta aitaren aldeko bi aiton-amonak ere han bizitakoak zituen, aitaren aldeko Telesforo Monzon Zurbano eta Maria Lardizabal Ziburun, eta amaren aldeko Isidro Ortiz de Urruela eta Francisca Ceballos Azkainen, Hegoaldean II. Gerra karlistan (1872-1876) pulunpatuak zirela. Eta Telesforo Monzon bera, Francoren diktadurapeko Hego Euskal Herrian bizitzea debeku zuela, bi aldeko aiton-amonak baino askoz luzazkiago, zehazki 1946tik 1977ra bizi izan zen Donibane Lohizunen, Mende Berri jauregian, Maria Josefa Ganuza emazte bereizezinarekin batean. Oso ondo ezagutu zuen Iparraldeko jendea, bereziki herrietako euskaldun jendea, anitz ibili baitzen pastoralkari Zuberoan, komedia edo teatro kari Nafarroa Beherean, Heleta edo Iholdin, esaterako, eta Donibanen Begiraleak teatro-taldearekin, antzezle, zuzendari eta antzerki-gidoi idazle. Hogeita hamar urtez abantzu egunero berarekin gurutzatzen zen Pierre Larzabalen testigantzaren arabera, inoiz ez zuen gezurrik esaten Telesforok eta zurikeria zuen gorroto. Kristau aldetik horrela bazen, berdin abertzale bezala. Beti prest zen bere bizia aberriaren alde emateko. J.L. Davant 1960tik aitzina usu gurutzatu zen Telesfororekin, eta hark harendako euskara eta euskal kultura goien mailan zeudela nabarmentzen du; euskara batuaren alde, euskal antzerki, olerkari eta kantugile bezala egindako lana goretsiz. Eta sintesi gisa: “Hura aristokrata, katolikoa, xuria, ideia guzietako borrokariekin eskuz-esku ari izan da, gorriak barne, helburu eta jomuga bakar horri buruz. Nehor ez bedi ene konparantzaz eskandala: ene ustez, Monzon da euskaldunen De Gaulle. Hura bezala, alderdien gainetik zegoen, izpirituz bederen”. Eñaut Etxamendik Iparraldeko euskaldunen gutxiagotasun konplexuak eta zalantzak uxatzeko eginikako lana laudatu izan du: “Bera ulertzen genuen eta euskara batuaren alde zeraman lana sinetsigarri agertzen zitzaukun hortakotz. Ezen, gaurko jendeak nekez ulert dezake beharba 1960 irian gure etsai nagusia Herri-alor orotan DUDA zela, ezbaia (…) Monzon gau-egun ari zen guaurren baitako sineste horren berpitzarazten”. D. Landarten testigantzara etorriz, Telesforok Euskadi kulturalki eraiki beharra aldarrikatzen zuen behin eta berriz: “Euskadi eraiki…Bi hitz horiek, hamar, ehun aldiz errepikatu dizkit (…) Ipar Euskal Herrian sortzera zihoan abertzaletasunaren lehen hazien eraile izan da; hala-nola, Itsasuko Aberri Egunetara etorriz, Enbata Oldea sustatuz, bertsulari eta euskaltzale guztien adiskide bilakatuz, eta bereziki, teatro sailean bere ildoa irekiz.” Telesfororen beraren testigantzara etorriz, hona nola sentitu zuen Donibane Lohizuneko lurra eta hura lantzearen ondoko emaitzak: “Ari gara ohartzeke -gure Lapurdi zoragarri honetan ere- erroak egiten. Donibane Lohitzuneko inguruetan erosiak ditut larre-lurrak. (…) Eta hasiak gara zerbait biltzen: lurraren emaitzak baitira barne-poza, haize garbi ta bakea ere (…) Joan den astean atereak ditut lehen lusagarrak. Lurrari neronek ekarrarazitako lehen emaitzak nituen. Ez dizuet aise azalduko nire bihotz-ikara. Udaberri iluntze eder eta argienetakoa. Bakar-bakarrik nengoen nire ondasunean, Larrun mendiari buruz buru. Txorien kantua nuen lagun. Emana nien gure arto, maikola [babarrun], mertxika, sagar eta madariei eguneroko azken begirada. Gelditu nintzen, gero, lusagarren aurrez aurre. Zein ederrak! (…) Gau hartan -andrea ta biok buruz buru afaltzen- ekarri zizkiguten, bero-beroak, gure lusagarrok. Behar bezala errerik, urrezkoak iduri zuten. Urrezkoak iduri zitzaizkigun, guri behintzat. Ezkondu ezkeroztik ez baikenuen afari ederragorik egin. Eta noski: nireagoa dut orain, Lapurdiko lurra ere!.” Pantxoa eta Peioren lekukotasunari leku eginez: “1975ean kantatzen hasi ginen eta grabatu genuen “Batasuna”, beharbada gehienik kantatu izan dena. Eta azkenik 1978an “Bai Euskarari” kanpainaren lema bezala egin zuen izen bereko kantua. Abesti hauetarik atera daitezkeen bi mezu nagusiak dira gure ustez: lehenik euskara gure hizkuntzari eman behar zaiola lehentasuna. Bigarrenik abertzaleen arteko baitezpadako elkartasuna, borroka moldeak edo bideak desberdinak izanik ere, etsaia bera dugulako”. Zubigile Bergara eta Donibane Lohizune artean, Ipar eta Hego artean, atzoko eta gaurko gudarien artean, eta zazpi lurraldez osaturiko estatu euskaldunaren alde bizia eskainia. Abertzale izan ezkero gaur gauden denok anai! Eta bai, eta bai, nik euskarari bai eta bai! 2. Nafarroaren garrantzia Telesforo Monzonentzat 2018-07-03 Franco hil eta laster Zeruko Argia kazetari (1976-IV) ziotson Monzonek Nafarroarik gabe ez zegoela euskal Aberririk; Nafarroa alde batera utzi nahi zutenekin ez zutela biderik egin nahi, ez Eibarreraino eta ez Maltzagaraino. Geroari buruz, Iruñea zela geure Hiri Nagusia, eta…Gora Euskadi esan ala Gora Nafarroa esan, gauza berdina zela. Nondik zetorkion nafarzaletasun suhar hura? Denboran urruna baina odolez hurbila zuen egitate batekin hasirik, familian bazuen arbaso umant bat 1764an jaioa Iruñean, Tadeo Luis Monzon Ipenza, 1787an, Bergaran jaiotako Maria Merced Olaso Abariarekin ezkondu zena, hartara Monzonen leinua Erdi Aroko Olaso ahaide nagusi ganboarrarekin uztartuz. Tadeo Monzon jauna Sevillako erregeren zerbitzuko zaldun elkarte famatuko kide ohoretsua izan zen eta Olaso dorretxean zuten eta dute Tadeo eta Maria Merced ageri diren margolana, egongelari handiki kutsua emanez. Hurbilagoko egitateetara etorriz, 1931ko Lizarrako estatutua Hego Euskadiko lau lurraldeetako udalek gehiengo handiz hirutan ere onarturikoa; Telesforo Monzonek berak zioen bezala -eta historialari askok-, eskuineko jauntxoen (Rodeznoko kondea buruetarik) eta ezkerreko jauntxoen (Emilio Azarola buruetarik) traizio eta trikimailuz 1932ko ekainaren 19an baztertu ondoan nafarrek, berrogeita hamar bat hitzaldi egin zituzten Jose Antonio Agirrek, Manuel Irujok eta hirurek, besteak beste, Lizarra, Tafalla, Agoitz eta Lekunberrin, Nafarroa berriro euskal batasunera erakarri nahian. El trio de la bencina zioen Irujok zirela hirurak, izenburu bereko 1930eko aleman komedian, hiru gizaseme emakume batekin maiteminduta nola, berak Nafarroarekin halatsu. Baina Nafarroan ez ezik Oiartzunen, Durangon, Hego Euskadi guztian aipatu zuen Telesforok Nafarroaren garrantzia euskal abertzaletasunean. Madrilen diputatu izan zen garaian (1933-1936), hotel edo ostatu berean bizitzen ziren Irujo, Agirre, Landaburu, Kareaga, Bikuña eta Monzon, hots, ordezkaritza abertzalea, eta Telesforok kontatu izan duenez, Irujo beti ibiltzen omen zen nafar erregeak gora eta nafar erregeak behera, eta horregatik Santxo de Nabarra deitzen bide zioten. Euskotarron aberri bakarra Euskadi da S. Aranarengandik ikasi bazuen ere, eta Engrazio Aranzadi Kizkitza-ren La nación vasca erabakigarri gertatu bazitzaion ere abertzaletzeko, segur aski Irujo izan zuen maisu Monzonek nafar ikuspegia bereganatzeko edota sakonago landatzeko behinik behin. Ez diot inon irakurri Monzoni, Kanpion eta Iturralde eta Oloriz eta irakurri zituenik, baina lekukotasun hori adierazgarria begitantzen zait. Alabaina, Molak eta Francok eta Rodeznoko kondeak-eta gerra sutu zuten, eta nafar gehienak Espainiaren menpeko euskaldunen aurka aritu ziren; eta hura Telesforo Monzonentzat euskal anaien arteko gerra mingarria bezain eramanezina izan zen, nahiz ez zuen zalantzarik izan altxamenduaren haste beretik faxismo espainolaren aurka paratzeko. Oso gogoan zuen Telesforok gerraren lehen egunetan, Gipuzkoako Diputazioan, Irujok eta berak bizi izan zutena, biak ere Gipuzkoako Defentsa Batzordeko kide izaki. Trintxerpeko miliziano erdaldun batzuek nafar karlista euskaldun batzuk ekarri zituzten preso Diputaziora. Monzonek Irujori: ni nafar euskaldun horiekin nago, horien anaia naiz; ez beste miliziano erdaldun hauekin. Bai, baina nafar euskaldun horiek eusko gudariak hil dituzte Nafarroatik honantzako bidean! 1949ko irailean, Euskal Dantzari Besta Baionan. Iparraldeko dantzariez gain, Nafarroako Muthiko Alaiak peñako dantzariak, eta haien buru Ignazio Baleztena, gerran nafar erreketeen buruzagi gisa nabarmendutakoa. Bada, Telesforok, euskaldunen arteko gorroto gogortuak beratu eta adiskidetu nahian, hor doa piknika egiteko ogia falta zuten dantzari nafarrengana ogiarekin, Ignazio Baleztenari emanik ogia, eta hark ordainetan ardo zahatoa eskainirik Telesforori, Aita gure-ko kristau agindua beteaz: “barkatu gure zorrak, guk gure zordunei barkatzen dizkiegun bezala”. Gerran elkarren aurka ibilitako euskaldunak adiskidetzeko keinuen beharra zekusan. 1963an, jada Itsasuko lehen Aberri Egun famatua burutua zela, Manuel Irujori esaten zion bera beste mundu batean bizi zela, erbesteko Eusko Jaurlaritzan PSOEren ordezkariak zein izango ziren hausnartzetik eta kuxkuxeatzetik haratago, bi mistika ikusten zituela beharrezko eta egingarri 36ko gerraurrean ez bezala, edo nahiago baduzue, arrakasta izateko esperantza gehioagorekin: Nafarroaren mistika eta euskararena: Iparraldeak Nafarroara begiratzen zuen, eta Nafarroan baziren zantzu itxaropentsuak. Gauza berbera 1967an Iruñean ospatu zen Aberri Egunaren ondotik. Franco hil zenean, hausturaren alde zegoen, bakea autodeterminazio eskubidea aitortzearen truke ematearen alde Espainiako botereei, eta ez Espainiako Kongresura joatearen alde han erabakitako joko-arauei jarraiki. Oso gogoan zuen han entzundakoa 1933tik 1936ra diputatu izan zen epealdian, eskuin eta ezkerreko politikari espainiarrei: jelkideak espainolak bazarete, errespetatu Espainiako herritarren ordezkarien joko-arauak, eta espainolak ez bazarete, zer egiten duzue hemen! 1980ko apirilean Leiren elkartu ziren Herri Batasuneko 24 diputatu eta senatari Nafarroako erregeen hezurren inguruan zin egiteko Nafarroa osoaren alde borrokan jarraituko zutela (guardia zibilek jarritako kontriolengatik denek ez zuten heltzerik izan). Telesforo Monzonek, adinez nagusiena bera izaki, gainerakoei hartu zien zina, eta gero berari hartu zioten. Espero zuten Iparraldeko senideak Hegoaldekoekin lerratuko zirela asko baino lehen. Nafarroarik gabe, gaztelania derrigorrezkoa eta euskara ez izaki, eta subjektu politiko bakarra Irunetik Cadizerainoko herritarrak izatea ezin zuen ontzat eman: Arrano Beltzak bere-bereak zituen Iruñea bezala, Gernika eta Garazi ere, eta Aturritik Ebrora euskal estatu euskalduna eraiki behar genuen. Galdu egin zuen -berak bakarrik galdu izan balu? !-, bistan dago, baina bizia eman zuen bere ideia politikoen alde. Merezi du gogoan izatea euskaldunok! 3. Monzon eta Txillardegiren irakaspenak 2018-11-05 Monzonek bezala Txillardegik, naziogintzaren arloan, euskarazko kulturaren alde egindakoagatik (euskara batua, eleberriak, antzerkia, abestiak, prentsa-artikuluak) eta era berean politika aldetik, zazpi lurraldez osaturiko euskal errepublika independentearen alde egindakoagatik, irakaspen ederrak eman dizkigute, eta gure atxikimendua eta aitortza merezi dute. 1957an ezagutu zuten elkar aurrez aurre: Txillardegik kontatu zigunez, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren Donibane Lohizuneko Mende Berri etxean. Eta 24 urtez, bien arteko adiskidetasuna erne, hozitu eta burutu zen, ardatz nagusi honen inguruan: zazpi lurraldez osaturiko euskal errepublika euskalduna lortzeko grina, eta araberako konpromiso eta borroka. Bide ezberdinetatik zetozen elkartu zirenean. Hogeita bost urte zaharrago zen Monzon ordurako dimisioa emana zen erbesteko Eusko Jaurlaritzako kultur sailburutzatik, funtsean, bi arrazoirengatik: konbentzitua zegoelako Eusko Jaurlaritzak ez zituela euskara eta euskal kultura behar bezala bultzatzen, eta, erbesteko Eusko Jaurlaritza legitimitate errepublikano espainolari lotuegi zekusalako. Txillardegi, aldiz, plazaratu zenean nahiko polemiko gertatu zen Leturiaren egunkari ezkutua nobela argitaratu berri zen –Albert Camus-en Arrotza eta Izurria nobelen eraginpekoa, tematika aldetik, mugarri-; aldekoak asko -Koldo Mitxelena, Salbatore Mitxelena, Bitoriano Gandiaga, Juan San Martin…- eta aurkakoak ere ugari izan zituen euskal idazleen artean -aita Villasante, Iñaki Bastarrika, Orixe…-, eta politikari dagokionez, Ekin-etik laster ETA sortzera igarotzekoa zen gogaideekin batera, Euzko-Gaztedirekiko loturak erabat hautsirik. Txillardegik 1961eko Urtats egunez Dantxarineako muga iragan, eta Parisetik bueltan Iparraldean kokatu zenetik, bien arteko harremana hurbilagoa eta usuagoa gertatu zen. Enbata mugimendu abertzaleak Euskal Herri kontinentalean, Itsasu herrian lehenbizikoz ospaturiko Aberri Egunean (1963) han ziren biak ala biak, eta urte hartan bertan eratutako Idazkaritzan ere bai, euskara batuaren oinarriak ezartzeko xedez. Jakina denez, Baionan delako Idazkaritzan elkarturiko Lafitte, Davant, Monzon eta Txillardegik, besteak beste, hartutako erabakietan oinarritu ziren 1968an Arantzazun ospatu ziren jardunaldiak. Garbi ikusten da euskal errepublika askatuaren aldeko borroka eta euskararen aldekoa biak elkarri estuki atxikirik bururatzen zituztela bi abertzale handiek. Txillardegi handik laster desterrura joan beharrean gertatu zen, baina antiguatarra Bruselan, eta Monzon Donibane Lohizunen zirela, gutunez jarraitu zuten harremanetan. Txillardegik ziotson Monzoni gutun horietan, bera abertzalea izateaz gain, sozialista zela, baina ez zuela lekurik PSOE inperialistan, eta horrenbestez behar-beharrezkoa zela gurean alderdi abertzale sozialista. Oso duda gutxirekin baiezta daiteke Txillardegik eragin handia izan zuela Monzonek gizarte gaietan izandako bilakaeran; Monzon ez zuen sozialista bilakatu Txillardegik -Txillardegi ez zen komunista. Bere burua sozialdemokraziaren ezkerrera kokatzen zuen; Frantzian Mendes-France politikariak ordezkatzen zuen posizioan gutxi gorabehera-, baina bultzatu zuen Monzon EAJko zuzendaritzari eskatzera abertzale berri ezkertiarragoei leku egin behar zitzaiela. Hasiera baten pentsatu zuen EAJ barruan lekua izan zezaketela Txillardegi bezalako sozialistek, baina laster igaro zen pentsatzera alderdi berean ez baina haiekin elkaturik bai jokatu behar zela, eta orduan ekin zion Fronte Abertzalea eratzeko ideari. Ezaguna denez, Anai Artea sortu zuen Monzonek Larzabal eta Arregirekin batean 1969an, iheslari politikoei babesa eta laguntza emateko. Txillardegi Bruselatik Iparraldera itzuli zenean, Anai Artean kidetu zen, eta 1971n Monzonekin eskuz esku Fronte Abertzalea eratu nahian aritu zen Burgosko 1970eko auzi famatuaren ondotik. Aitzakia horrekin, Frantziako gobernuak Monzon eta Txillardegi Iparraldetik alde egitera behartu zituen. Erabaki horren aurka, Baionako katedralean gose-grebari ekin zioten 35 etakide inguruk. Han ziren, besteak beste, Eustakio Mendizabal Txikia, Goikoetxea, Korta, Azkoiti. Harreman horien ondorioz sortu zuen Monzonek esapide giltzarri hura: Lehengo gudariak -1936ko gerrakoak- eta oraingo gudariak -Francoren diktaduraren aurka armak altxatu zituzten etakideak-. Monzon eta Txillardegi Nogaron, Gers departamenduan, Salles d´Armagnac-en, sei hilabetez bizi izan ziren harmonia ederrean elkarrekin, 1971ko maiatzetik azarora. Franco hiltzean, Txillardegi itzuli zen Euskadi penintsularrera eta Euskadiko Sozialisten Biltzarra (ESB) alderdia sortzen ahalegindu zen; eta tarte labur horretan, Monzon bakarrik gelditu zen, baina denbora gutxirako. Laster elkartu ziren biak Herri Batasunan independente gisa, 1978an -Monzon 1977ko azaroan egotzi zuten EAJtik, bere borondatearen aurka-. Horregatik Monzon ez zen bat-batean sozialista ezkertiar bilakatu, jarraitu zuen bere mentalitate kristau-demokratarekin, baina ongi hartu zuten Herri Batasunan, garai hartan koalizioarentzat garrantzitsuena, beharbada, independentzia zelako. Monzonek Eginen hil aurretitxoan plazaratu zuen azken artikuluan, geroari buruz hiru oinarri hauek behar genituela oroitarazi zizkigun: Beti ohitu behar dugu Euskal Herria osorik ikusten, Aturrin hasi eta Ebroraino. Euskal Herrian bizi diren biztanleen osotasuna. Beraz, Euskal Herri bat bakarrik dagoela, bai eremuz, bai lurraldez eta baita biztanlez ere aitortu behar dugu. Euskal Herriari lokarri bat eman behar diogu. Benetako Herri bat sortu nahi badugu eta bere buruaren jabe izan nahi badu, oinarri nagusi bat behar dugu eta oinarri hau Euskara da. Txillardegik ere beste horrenbeste esaten zuen. Horiexek dira bi abertzale handi horien irakaspen nagusiak. 4. Brouard eta Monzon 2018-12-08 Azaroaren 20a iristean, hedabide batzuek gogorarazten digute Santi Brouarden estatu-hilketa eta arduradun polizial eta politikoen zigorgabetasuna. Aurten ETBk bereziki oroitarazi digu (2009ko Santi osagai ETB1en, eta 360º: Caso Brouard: bajando a las cloacas del Estado, ETB2n). Hil zutela 25 urte betetzean plazaratu zen halaber: Duintasuna omen: estatu hilketa idazkia euskaraz eta gaztelaniaz (Herri Ekimena. 2009). Eta hil zela bi urte baino ez zirela 23 bertsolarik eta zenbait presok eskaini zioten beren gorazarrea bertsoetan (“Gidari laguna: bertso hilezina Brouardi. Txalaparta. 1986). Brouard eta MonzonAitortzen dut T. Monzonen biografia egitean, ez nuela bereziki erreparatu Brouard eta Monzonen arteko harremanean, baina handia izan zuten bi izen handi hauek, eta Brouardek Monzonen heriotzaren urtemugan idatzi zuen bezala (“Herri baten oihua”. Hitzaurrea), azken urteetan (12 urtez bihotzetik gaixo) jakinda bihotza oso gaixo zuela eta ez zuela bere amets politikoa gauzatua ikusteko aukerarik izango, halere borroka gogorrean jarraitu zuen: “kontzienteki, emate osoaren bidea jarraitu zuen, zeukan guztia besteei eskeiniz azken ondorioetaraino, guk geure herriaren askatasuna ikus dezagun”. Hitz horiek Brouardi berari eskaintzekoak ere badira. Eta hemengo eta gaurko hitzetara etorriz: gure nazioaren askatasunagatik bizia eman zutenen memoriarik ez badugu, seinale gure nazioa eta askatasuna ez ditugula maite. Noiz ezagutu ote zuten elkar Brouardek eta Monzonek? Biek bizi izan zuten 36ko gerra. Santik hamazazpi urte baino ez zituen jeneral espainolek, Mola eta Franco buru zirela, bozetan legitimaturiko espainiar errepublikaren aurkako gerrari ekin ziotenean; haatik, ez zen etxean geratu, eta EAJren Itsasalde batailoian esku hartu nahi izan zuen baina adingabea zelako Eusko Jaurlaritzak ez zuen onartu, eta frankistek bortxaz errekrutatu zuten, Bilbo erori baino lehen. Monzon, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Gobernazio sailburu izan zen. Jakina, ez zuten elkar ezagutuko orduan, baina seguru kontu horiek aipatu zituztela bien artean gerora, eta axolazkoena biek ala biek bizi izan zuten esperientzia traumatiko hura, oso desberdin bizi izanagatik. 1946an kokatu zen Monzon Donibane Lohizunen. Brouard noiz hasi ote zen sasi-muga iraganik hara aldera agertzen? Badakigu lekeitiarrarentzat giltzarri gertatu zela guardia zibilek Xenki eta Murgi erailtzea 1972ko Lekeitioko jaietan, konpromiso politikoari erabat lotzeko. Eta urte hartan bertan ezagutu zuen Peixotok Brouard Iparraldean, errefuxiatu batzuen etxean. 1975ean gertatu zitzaion erbesteratu beharra bi urterako. Kontua da bi abertzale handi hauen arteko harremanari dagokionez, Brouardek berak esanda dakigula askotan aritzen zirela biak solasean Monzonen Mende Berri etxean gure aberriaren egoeraz. Garai hartan, bereziki 1973-1975 inguruan, denak ez, baina abertzaleak elkarrengandik hurbilago zeuden -denak Francoren aurka, nahiz diferente!-, bereziki Iparraldean errefuxiaturik zeudenak. Donibane Lohizuneko Urdazuri auzoan bizi zen Martin Ugalde -Eusko Jaurlaritzako kontseilari eta EAJkoa garai hartan, polizia espainiarrak beharturik han bizi zena-, ETAko Peixoto eta Argala ere bai. Egun batean, Ugaldek J.M. Torrealdairi kontatu zionez, Peixoto eta Argala bere etxean izan ziren, Monzonek ere arratsaldea berarekin igaro zuen Santa Kruz apaizaren kontuak mintzagai zituela, eta Monzonen ondotik, Brouard etorri zitzaion Ugalderi, eta gonbita egin zion beraiengana biltzeko. Anekdota esanguratsu horretan Monzon eta Brouard elkar-adituta bezala ageri dira, Ugalderen konfiantza irabazteko; Monzon aitzindari zorua prestatzeko, eta gonbidapen zehatza egiteko Brouard ondotik. Mikel Isasa orduko EAJko ordezkariarekin ere Ugalderen bitartez egin zuen bilera Brouardek. Besteak beste, Zokoako elizan, Pierre Larzabalek emandako mezetan ikusten zuten elkar Ugaldek, Monzonek, Brouardek, eta beste askok. Politikoki erabat elkarren eskutik al zebiltzan garai hartan Monzon eta Brouard? Ez. Txillardegi eta Monzon ez zebiltzan bezala. EAS, EHAS (1975) eta HASIren (1977) sorreran dago Brouard antolatzaile handia, eta Txillardegi, berriz, ESBren sorreran, eta Monzon bakarrik, EAJtik aldegin gabe, nahiz bere alderdiaren buruzagiengandik aldendua ibili. Esan dezagun labur-zurrean, iraganak eta sozialismoak bereizten zituela. Monzoni, esan liteke, ongi iruditzen zitzaiola Txillardegi eta Brouard bezalakoak euskal alderdi sozialista eratu nahian ibiltzea, baina beraren egiteko nagusia abertzale eskuindarrago eta ezkertiarragoen artean batasuna edo elkartasuna lortzea zen, zubigile izatea. Horregatik antolatu zituen 1977ean Xibertako elkarrizketak Monzonek, eta badakigu Brouard, Argala eta Jose Luis Elkorogatik bereziki, besteak beste, antolatu ahal izan zituela elkarrizketa haiek. Brouardek eta Monzonek biek miretsi zuten Beñaran Argala, bereziki haren Euskadi independente eta sozialistaren alderako sakrifizio eskuzabal erabatekoa, eta gaitasun politikoa. Peixotok Brouard eta Monzon biak ezagutu zituen, eta honela parekatu eta balioetsi ditu: “Errefuxiatuen munduan konfiantza osoa eskaintzen ziguten bi lagun zeuden, Telesforo eta Santi, nahiz eta beste batzuek ere erakustsi duten sendotasun handia. Baina Telesforo eta Santi zerbait berezia ziren. Ezberdinak ziren. Telesforo poeta bat zen, arazo konkretuen gainetik hegaldatzen zuen poeta abertzale bat. Ez zen sartzen xehetasunetan. Baina Santi bai. Santi lurrean zebilen eta auzi bakoitzaren xehetasunetan sartzen zen. Ezberdinak ziren baina elkarren artean ondo ulertzen ziren” (Duintasuna omen. 30). 1977ko udazkenean Altsasuko Mahaia osatu zenetik, elkarrekin ibili ziren politikan. 1980ko otsailean, Mexikon eta Venezuelan, HBren ordezkaritzarekin, elkarrekin izan ziren. Lehenik, Monzon mintzatzen zen, eta gero Brouard. Askotan esaten bide zuen Brouardek: nire aurretik Monzonek esan duen bezala; eta alderantziz ere bai: ni Brouardekin ados, nahiz ez naizen nor gorria izateaz harrotzeko. Hona Monzonen pertsonaren alderdi bereizgarriak laburbiltzen jarrita, zein adierazi zituen Brouardek, gaur eguneko hitzez laburbildurik: 1. Diskrezio eta dotoretasun espirituala, jarrera eta keinu txikienean ere. 2. Altruismoa. Sen poetiko fina dohainik eskaini zion herriari, inoiz egile eskubiderik galdegin gabe. 3. Gainerakoak ulertzeko gaitasuna. Gazteen alderako enpatia bereziki; dena eman, beren burua eskaini eta alaitasunaz sufritzen zekitenen aldera. 4. Ideien bizitasuna. Poeta, bertsolari buruargi eta pentsalari zabal gisa, ideiak beti azkar, ausart eta aurrerakoi sortzen zitzaizkion bera baino gazteagoak zirenen aldean. Naturak bihotza gogor eraso bazion ere, heriotzaraino errespetatu zuen bere adimen argi eta sakona. 5. Gaitasuna, jarraitutasuna, sakontasuna eta originaltasuna. Argalak esaten omen zuen Monzonengandik, proiektu politiko umotu bat azaltzen zitzaionean, hura onartzeaz gainera, beti itxaron behar zela harengandik ikuspuntu berri, original, giltzarriren bat. 6. Irmotasuna eta eskaintza: ondorio guztiekin; lan, atsekabe eta arazo guztiak onarturik. Brouardenak berarenak ere ez al ziren ezaugarri horietako asko? Euskararen garrantzian eta praktikan ere bat etorri ziren: Monzonek erabili zuen hitzaldietan, poesian, antzerkietan, artikulu politikoetan eta abestietan, eta Brouardek ere hitzaldi, harreman pertsonal eta politikoetan. Monzonek osasuna eta bizia galdu zituen euskal nazio eta estatuaren aldeko borrokan, eta borroka bertsuan engaiatu zen Brouard erailtzeko, ez zuten batere gupidarik izan agintari politiko-polizialek. Monzonek eta Brouardek galdu egin al zuten gudua? Ahazten baditugu bai; bestela, ez. Honela zioen Ernest Alkhat zenak gorazarrezko bertsoetan, Brouard hil berritan: Dudarik gabe herriarentzat onegia zinen Santi Zure lan onak bildurra ere ematen zuen zonbaiti Askatasuna euskaldunentzat ezin dutenek ameti Tiro bat dute saritzat eman salbatzaile jator bati Bainan guretzat Krixto bezala biziko zirade beti. (…) Gure herria aspaldian da egoera latzgarrian Zu bezalaxe asko baitira bertze mundurat abian Gure umeek jakingo dute datorren udaberrian Nola idatzi behin betikotz gure euskera garbian Zuen izenak urrezko hitzez herriaren ixtorian. Hiru hamarkada eta urte batzuen ondotik, egun autodeterminazio eskubidea galdegiteko orduan bat gatoz, era bateko eta besteko abertzaleok. Euskal errepublika independente herrikoi edo sozialistaren aldeko borrokan gudari abantailatuak izan ditugu biak ala biak. 5. Gure nazioaren egoeraz 2019-05-04 Estatua duten nazioetako ordezkariak -bereziki menderatuak dituzten nazio txikiagoen lepotik nazio handi direnenak-, eta are soilik autonomia duten erkidegoetako ordezkariak ere, okasio berezietan parlamentuetan mintzatu ohi dira nazioaren egoeraz, eta halako eztabaidetan datu sozioekonomikoak, eta hertsiki gai politikoak aztertu ohi dituzte nagusiki. Artikulu honetan, aldiz, gure nazio txikiaren politika eta kultura izango ditut mintzagai, datu sozioekonomikoetan sartu gabe, ez garrantzirik ez dutelako, baizik eta idatzi honen asmoa mugatuagoa delako. Euskal Herri penintsularreko azken hauteskundeetako emaitzak ez dira txarrak izan, EAEn batez ere. Berriki irakurri ahal izan dugu euskarazko egunkari bakarrean, Euskadi nazio gisa ikusten duten hiritarrak gehiengoa direla berresten dutela boz horiek, eta estatus berriaren inguruan barne adostasun zabalak lortzeko baldintzak badirela, eta horretaz gainera, erabakitzeko eskubidea epe erdian gauzatzeko estrategian estatu gabeko beste europar nazioekin batera elkarlanean jarraitzeko oinarriak sendoak direla. Oso ikuspegi baikorra da. Jeltzaleek eta bilduzaleek estrategia aski bateratua dutela bistakoa balitz, eta Europan ere elkarren eskutik dabiltzala, bat etor gintezkeen, baina denok ikusten dugu epe laburrera behintzat -laburrera bakarrik?- adostasun zabalenak jeltzale eta espainiar obedientziapeko eusko sozialisten artean gertatzen ari direla gurean, eta segur aski gertatuko ere direla, eta autonomi estatutuan jasotako eskumenen transferentzian zentratuko direla -erpina Gizarte Segurantzaren eskumena izan liteke (eskumen harribitxia)-, eta pauso bat aurrera emateko eskumenen transferentzian, bat atzera egiteko eskatuko dutela sozialistek erabakitzeko eskubidean. Europa politikoari dagokionez ere, ez ditugu abertzaleak batera ikusten, sakabanatuak baizik. Boto-emaileek moderazioa saritzen dutela dirudien honetan, ez al du aurrera egingo eskumen borroka instituzionalak, hots, estatuaren deszentralizazioaren aldekoak EAEn, eta epe luzeagora Katalunian ere -han estatuak plantea dezakeen formula desmobilizatzailea kontzertu ekonomikoa izan liteke-; autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokaren kaltean? Politikatik kulturara etorrita, eta kulturan gure hizkuntza normalizatu gabea ardatz harturik, ikuspegi baikor eta axaletikoagoa eman nahi izatera, esan liteke D ereduaren bitartez eta, euskararen ezagutza hazi egin dela, eta Euskaraldi eta Korrika eta gisako kanpainetan herri-mugimendu eta instituzioen arteko elkarlan itxaropentsua sumatzen dela -bide batez galdera bat: elkarlan horrek ekar al lezake epe labur samarrera 1982ko eta 1986ko euskararen lege zaharkituak euskararen aldera hobetzeko dinamikarik?-, baina sakonagora jota, eta politikaren arloko moderazioarekin erara, ez al da ikusten Gandiagaren behialako diagnostiko poetiko hartatik, funtsean, ez garela asko aldendu, eta aldentzekotan ez alde onenetik: 70eko hamarkadako bizi nahi tirtiri hura galdu ez ote dugun, bi hizkuntzak, gurea eta modu askotara zapaltzen eta limurtzen ere gaituena, gureak direlako lelo faltsuaren eraginez. Gandiagaren aspalditxoko hitz hauek hausnar ditzagun: Euskal Herriaren mikaztasunak arima erretzen du, txakolinak bere mikaztasunaz ahoa erretzen duen bezala. Ardo pobrea da, ardo nahi lukeena, baina beste ardoen artean ardo ez dena, baina ardo dena halaz ere. Euskal Herria Herri da Baskongadas barruan, arima delako, kontzientzia delako, samin delako, urduritasun eraman ezina delako. Euskal Herriak ez du bozkariorik ematen: kiskali egiten du. Izan nahiak ematen dio izatea (Hiru gizon bakarka. 1974). Gure nazioa ardo ondua izateko asko dugu eskas, baina txakolinak berezko duen garraztasunari nola ihes egingo gabiltza. Gurea ere ba omen dugun ardo ondua dastatzen dugu gutxiz gehienetan telebistan, eta beste hainbat hedabide eta sareetan. Irakaskuntzan, administrazioan, lan-munduan eta aisialdi eta gainerakoetan ez dugu lidergo eta estrategia garbirik egun gehiengo diren erdal hiri eta herrietatik gutxiago diren euskal herrietara igarotzen joateko, izan nahia suspertu eta ahaleginaren garraztasunari aurre egiteko, ezaxola gudukatuz. Moderazioak baditu abantailak baina arrisku larri bat ere bai: nazio politikoa garela esan eta esan dihardugula -politikoki planteamendu txarra ez da kontzientzia politikoa baduen herria garela aldarrikatzea eta horretan oin harturik, eskubideak gauzatzea galdegitea-, nazio linguistiko-kulturala egoera kaskarrean, beti leku bertsuan lardaskatzekoa, Irlandako egoeratik hur-hurrean. Pesimismoa eta derrotismoa txarrak dira, errealitatean oinarritu gabeko optimismoa bezalaxe. Ezkortasun aktiboan jarraitu behar, harik eta dagokigun, eta batez ere desio badugu behintzat, era batera edo bestera eraikitzen joan behar dugun euskal nazio eta euskal errepublika askea lortu arte. 6. Carmen Garcia Pellon nafarra bakarrik epaitegietan 2019-05-30 Seguru nago idatzi honen irakurleak badakiela 1936ko gerran, hiru mila eta bostehun pertsona inguru erail zituztela falangista-errekete-guardia zibil eta militar frankista eta molatarrek Nafarroa Garaian bakarrik, gerra-frontetik kanpo, eta Hego Euskal Herrian sei mila inguru. Haietako asko Carmen Garcia Pellon-en aita bezala -Mariano Garcia Illazortza nekazaria, UGTko kidea eta zinegotzi errepublikazalea-, etxera joan bi guardia zibil aguazilarekin, eraman atxilotua herriko kuartelera; goizaldean fusilatu, eta errepide-bazterrean lurperaturik, Esako beste sei atxilotuekin batera. Alde batera, 36ko gerran, bereziki Franco eta Mola jeneralen alde paratu zirenek egindako izugarrikerien beste erakusgarri bat da -faxisten aurka aritu zirenek ere egin zituzten izugarrikeriak, baina askoz gutxiago, eta ez da ahaztu behar gerra faxistek atera zutela, II. Mundu Gerra Hitlerrek bezala-. Kasurik izu-laborrizkoena ere ez da. Segur aski Maravillas Lamberto Ioldi larragar neska gazteari gertatua da -bortxatu, hil, txakurretara bota- izugarriena, baina Carmeni egindako injustiziak ere merezi du gure arreta eta elkartasuna, gaur egun konfiantza handirik ematen ez digun (in)justizia espainiarraren bide arriskuz beterikoetan harrapatua baita, eta, gainera, kasu honetatik ondorio jakingarriak atera baitaitezke. Lehenik, kasu konkretuari heldurik, sinesten ditut Carmen Garciak oroimen historikoari buruzko dibulgazio lan baterako egindako adierazpenak (Ion Orzaizen Berria-ko elkarrizketa irakurrita): 1936an, zinegotzi errepublikazaleak erail eta udalbatzak desegin ondotik izendatu zuten Isidoro Martinez Esako alkate. Ezkerreko familietako askok herritik alde egin zuten, baina aukera bakarra bertan gelditzea izan zutenei frankista gerra-irabazleek larrutik ordainarazi zieten. “«Zuek? Zuek ez duzue jada ezer eskatzeko eskubiderik», esan zion alkate horrek Carmen Garciaren amari, baratze txiki bat jartzeko laguntza galdegin zuenean. 1959. urtean, azkenik, amore eman zuen Garcia Pellon familiak, eta Iruñera egin zuten ihes”. Isidoro Martinez bi bidetatik aberastu omen zen: Esako urtegia eraikitzeko lanetatik, eta hainbat errepublikazaleri kendutako ondasunetatik. Adierazpen horiek eta beste hauek egiteagatik: “Garcia Pellon familiaren kasuan, lursail baten zati bat eta eskorta bat kendu zizkietela salatu du Carmen Garciak. «Nire neba Gabrielek eraman zituen gure familiaren ondasunen agiriak katastrora, baina han iruzurra egin zioten: dokumentu guztiak uzteko eskatu, eta, haien bila itzuli zenean, desagertuak ziren. Alkateak bere izenean jarri zituen».”; Zangozako Bake Epaitegira joan behar izan du deklaratzera, Isidoro Martinezen biloba Roberto Martinezek, egun Esako alkate denak, haren aurka auzitara jo duelako. Atzera egin eta esandako guztia ezezteko eskatu dio. Carmen Garciaren aurkako kereila aurkez dezakete alkatearen abokatuek. Atzera egiteko asmorik ez omen du Carmenek, baina bakar-bakarrik sentitzen da, eta bere iritzian, Esako herrian, 36ko matoi-bandaren seme-alabek agintzen dute. Kasu konkretu honetatik ondorioak ateratzera jorik, Espainian, eta Espainiaren menpeko Euskal Herri penintsularrean, 36ko gerratik aurrera gertatu zen benetan Iraultza izena merezia duen fenomeno soziologiko-ekonomiko eta politiko-kulturala, eskuineko iraultza benetakoa. Izua hedatu zuten herritarren artean matxinatuek, euren ideologiarekin bat ez zetozen asko fisikoki “garbitu” egin zituzten, edo erbestera haizatu, edota herriz aldatzera bortxatu, eta, zinez, ordena berria ezarri zuten, landa-eremuetan eta hiri-eremuetan -kasu konkretuak Nafarroa Garaiko landa-eremura garamatza-, ekonomiaz eta politikaz jabetuz, militarren eta boteretsuen indar fisikoari Eliza espainolaren indar espirituala erantsirik. 1978ko erregimenak eskuineko iraultza arrakastatsu hura ez du eraitsi, jarraitu egin du, gainzuritu eta eztitu nahi baduzue, baina bizirik iraunarazi du botere ekonomikoz eta politikoz jantzirik, Esan 36ko matoi-bandaren seme-alabek bezala. Ezkerreko soziologia zegoen eremuetan, “garbiketa” eta “erbesteratze” kriminal soziologiko-politikoa egin, eta 1978tik aurrera gehiengo-gutxiengoaren joko “demokratikoak” egoera injustu hura iraunarazi. Erabat harturik, 36ko gerraurrean baino aberatsagoak garela ezin ukatu, baina gerraondoan hasitako desberdinkeria sozialek irauten dutela ere ez. Kasu konkretutik poxi bat aldentzeko lizentzia harturik, baina 36ko gerraren ondorioekin jarraiturik, denok dakigu Espainiaren batasun sakrosantu obsesiboa ere eta berarekin batera bizi den zentralismo jakobinoa -euskaldunokin eta katalanekin errepresio forma bortitzak hartzen ditu beti, espetxeak bete eta autodeterminazio eskubidea ukatuz- zenbat indartu ziren gerraondoan, berrogei urteko diktaduran -bai lehenagoko erroak zituen, hurbilenak Primo de Riveraren diktaduran- eta Espainiaren baitako gehiengo-gutxiengo jokoak bere horretan atxikitzen du, eta, azkenik, baina ez axola gutxiagokoa, zergatik emakume baten aurkako eraso hau, senarrak erail eta alargunen aurkako errepresioaren ildoan kokatzen dena bete-betean, patriarkatu matxistaren itzala hedatuz eta erantsiz kasu konkretu honi ere? Injustizia honek osagai ugari ditu Navarra Suma-tik kanpo eta aurka dabiltzan talde politiko eta sentsibilitate sozial guztiak elkartzeko, eta denek bat egiteko xede duin honetan: Carmen Garcia Pellon bakarrik ez uztea, gerra-irabazleen ondorengoen kideko den Esako alkate eta gogaideen atzaparpean! Baldin eta Carmen Garcia Pellon zigortzen badute, edo hain duinki defendatzen ari den bere egian atzera egitera behartzen badute, beste seinale bat gehiago izango da 36ko gerrak ekarritako eskuineko benetako iraultzak badirauela egun ere, eta 1978ko erregimenaren ahulezia eta gainzuriketa inoiz baino agerianago erakutsiko luke. 7. Demokrata espainiar baten ikuspegia euskal eta katalan nazionalismoaz 2019-06-07 Espainiaren batasuna, espainiar guztien subjektu politikoa edo demos-a auzitan jartzen denean, espainiar gutxi agertzen dira espainiar demokrata gisa iritzi publikoan (ez-nazionalista espainiar gisa) eta halakorik gertatzen denean, intelektual espainiar espainolisten erasoak pairatu behar izaten dituzte (gehiengo handia dira). Gutxi horietako bat da Ignacio Sanchez Cuenca (Valentzia. 1966) Madrilgo Carlos III.a unibertsitatean Zientzia Politikoko irakaslea. Iaz, La confusión Nacional deritzan liburua argitaratu zuen, eta 2016an, zazpi edizio izan dituen La desfachatez intelectual izenburukoa. Biak gomendatzen dizkizuet. Ez nago haren iritzi guztiekin ados, baina nazionalismoaz hauteskundeetan ohikoa den propagandaz harago, merezi dute bi liburu horiek irakurtzea. Lehenbizikoan, besteak beste, Vargas Llosa, Felix Azua, Javier Cercas, Antonio Muñoz Molina, Javier Marías, Arturo Pérez-Reverte, Fernando Savater, Jon Juaristi, Iñaki Ezkerra edo Mikel Azurmendi bezalako iritzi-emaileek Espainiaz eta euskal edo katalan nazionalismoez idazten dutenean erakusten duten lotsagabekeria intelektuala salatzen du, eta Espainiako debate publikoaren maila kaskarra, eta horren ezaugarri bat den “matxismo diskurtsiboa”, hots, datu eta analisietan oinarrituriko arrazoi sotilak eta argudioak alde batera utzirik, iritziak emateko modu harroputza, izen gehiegikerian (izen handiak ugari aipatu, baina haien esanak edozer moduz ekarrita), eta sinaduran oinarritu nahirik artikuluaren bermea, eta ez analisian. Liburuaren atal guztietatik, nahi dudan xederako, bigarrena bereiziko dut. 2014ko uztailean, ia 70 lagunek, gehienak intelektualak, “Manifiesto de los libres e iguales” plazaratu zuten lau haizetara. Labur-zurrean, honelako perlak idatzi zituzten: “El secesionismo catalán pretende romper la convivencia entre los españoles y destruir su más valioso patrimonio: la condición de ciudadanos libres e iguales. El nacionalismo antepone la identidad a la ciudadanía, los derechos míticos de un territorio a los derechos fundamentales de las personas, el egoísmo a la solidaridad. Desprecia el pluralismo social y político, y cuando trata de establecer fronteras interiores arrincona como extranjeros en su propio país a un abrumador número de ciudadanos. El secesionismo catalán se hermana con el populismo antieuropeo y promueve la derrota de la democracia española. Evitar esa derrota es responsabilidad de todos y la primera obligación de los partidos políticos”. Lehen esaldiari dagokionez, honela erantzuten du Sanchez Cuenca: “me gustaría recordar que, en cuanto ciudadano español, mi libertad no queda menoscabada por el hecho de que Cataluña se constituya como un Estado propio, de la misma manera que no soy más o menos libre por el hecho de que existan Francia o Camerún. (...) Mientras que mis libertades quedan limitadas por la “ley mordaza” aprobada por el Gobierno de Mariano Rajoy, la secesión de un territorio no afecta a lo que yo pueda hacer o dejar de hacer. (...) Si la frase se refiere más bien a ciudadanos que, sintiéndose exclusivamente españoles, pierden su nacionalidad originaria al vivir en una Cataluña que se independiza, entonces no queda más remedio que reconocer que su grado de libertad puede variar en cualquier dirección: podría ocurrir que dentro de una Cataluña con condición plena de Estado, las libertades fueran menores que en España...o mayores.” Testuak dioenean “arrincona como extranjeros en su propio país a un abrumador número de ciudadanos”, honela erantzuten dio: “si la extranjería se refiere más bien a los sentimientos identitarios, a quienes se sintieran españoles y no catalanes, entonces habrá que conceder que lo mismo sucede en la actualidad con aquellos que se sienten exclusivamente catalanes y no españoles y están condenados a vivir como ciudadanos españoles. No veo por qué una “opresión” deba pesar más que la otra, salvo que demos un peso injustificado al statu quo. La parte final del párrafo es la más estupefaciente. Los autores del manifiesto afirman que el secesionismo catalán se hermana con “el populismo antieuropeo”. No sé de dónde puede salir semejante conclusión, puesto que los catalanes han tenido siempre una fuerte vocación europeísta, tanto más cuanto que muchos de ellos se veían más próximos a los europeos que al resto de sus conciudadanos españoles.” Halarik ere, tesi arraroetan arraroena gertatzen zaiona da sezesionismo katalanak espainiar demokraziaren porrota sustatzen duelakoa: “A un catalán que no se siente español y que aspira a vivir en un Estado catalán, ¿realmente le interesa “derrotar” la democracia española? ¿Cómo y en qué momento se produce la “derrota” en una democracia? Supongo que sustituyéndola por un régimen político alternativo, es decir, por un régimen autoritario. Pero ¿tiene sentido sostener que los independentistas desean que no haya democracia en España? ¿Acaso no puede haber democracia en España si Cataluña se constituye en Estado propio? Si no es de una dictadura, ¿de qué están hablando entonces?”. Nik uste nahikoa agertu dudala zergatik egiten den interesgarria aipaturiko liburuaren irakurketa. Ez naiz luzatuko, eta iaz argitaratu zuen liburua gaingiroki iruzkintzera igaroko naiz: La confusión nacional; eta hor Ibarretxe planaz eta Kataluniako proces-ari buruz dioena bereiziko dut. Ibarretxe planak planteatu zuen lehenbiziko aldiz demos-aren arazoa demokrazia postfrankistan. Atarikoan aitortzen zen EAEko herritarren erabakitzeko eskubidea, eta hark bateragarri izan behar zuen estatu elkartu, nazioaniztun eta asimetrikoaren garapenarekin. Euskadik nazio gisa libreki erabakiko zuen autogobernua erabiliz Espainiako gainerako herriekin elkartzea. Horrek zekarren berekin euskal nazionalitatea aitortzea hiru lurralde historikoetako herritarrei eta nazionalitate hori bateragarri izango zen espainiar nazionalitatearekin. Erakunde berriek galdeketak egin ahalko zituzten Euskadiko herritarrek gainerako Espainiarekin zer-nolako harremanak nahi zituzten ukan erabakitzeko. Nola erreakzionatu zuten alderdi espainolek? PPk 2003ko azaroan, Ibarretxek bere planari buruzko erreferendumera dei zezakeela eta, Zigor Kodearen urgentziazko aldaketa bat burutu zuen, bost urterainoko kartzelarekin zigortzeko legezko estaldurarik gabe erreferendumera deituz gero. Egoera birbideratzeko negoziazio prozesu bati ekin beharrean, Aznarren gobernuak gaia auzitegietara bideratu zuen erreferenduma egiteko mehatxua indargabetzeko kartzela zigorrak ezarrita. 2004ko martxoko bozen ondotik, Zapatero heldu zen boterera eta indargabetu egin zuen Aznarrena, argudio hau erabiliz: “El derecho penal se rige por los principios de intervención mínima y proporcionalidad, según tiene señalado el Tribunal Constitucional, que ha reiterado que no se puede privar a una persona del derecho a la libertad sin que sea estrictamente imprescindible. En nuestro ordenamiento hay otras formas de control de la legalidad diferentes de la vía penal”. Oraindik orain, aldiz, 2005ean ez bezala, legezkotasuna kontrolatzeko zigor kodea erabiltzeari buruzko erreparo guztiak alde batera utzi dira katalan krisian, zeren botere judiziala bezala alderdi espainiar nagusiak (Podemos-en salbuespenarekin), hedabide handiak, eta segur aski, iritzi publikoaren gehiengoak onartu baitu zigor bidea erabiltzea arazo politiko-konstituzional bat ebazteko. PSOEk berak ere, Aznarrek Ibarretxe planari emandako erantzuna gehiegikeriatzat jo izanagatik, politiko katalanen kartzelatzeari dagokionez, isiltasun zuhur bat atxiki izan du. Zapaterok bide penala ezabatzeaz gain, gonbidatu egin zuen Ibarretxe Espainiako parlamentura. Eta Zapatero eta Ibarretxeren artean argi gelditu zen demos-aren arazoa, hots, subjektu politikoarena: “El presidente del Gobierno de España niega la pretensión nacional del Parlamento Vasco porque considera el demos español dado e inmutable: puesto que vivimos juntos todos los españoles, vascos incluidos, juntos tenemos que decidir. Pero el nacionalismo vasco no se reconoce en la nación española y por eso Ibarretxe cuestiona la soberanía española exigiendo que los vascos puedan decidir si quieren seguir tomando decisiones con el resto de españoles o pasan a decidir por sí mismos como nación vasca”. Bozketa egin zen, eta auzia gehiengoen jokoaren arabera erabaki zen: 313 boto Ibarretxe planaren aurka, 29 alde eta 2 abstentzio. Gehiengoz erabaki zen Espainiako parlamentuan auzia ebazteko eskumena demos espainiarrak zuela, baina demos horren parte sentitzen ez zenarentzat bozketaren emaitza garrantzirik gabekoa zen, ez baitzuen asmorik erabaki kolektiboak gainerako populu espainiarrarekin hartzeko. Ibarretxe planaren ibilbidean presente dago krisi konstituzional katalanean garatuko zen eskemaren zati handi bat: “Una minoría en el conjunto de España, que está territorialmente concentrada, exige su reconocimiento como nación con capacidad de autodeterminación política. Las instituciones del Estado central desoyen la demanda por considerar que el principio de soberanía popular solo corresponde al pueblo español, del que forma parte el pueblo vasco.” Auzitegi Konstituzionalak 2010eko ekainean eman zuen epaia Kataluniako estatutuaz. Horretarako, aurrez PPk trikimailuak erabili zituen magistratu kontserbadoreek bertan jarraiturik, aurkako epaia gogorragoa izan zedin. Auzitegiaren epaia analizatu ondoan, honela dio Sanchez-Cuenca-k: “Como había sucedido con el plan Ibarretxe, el límite infranqueable para el sistema político español era el reconocimiento de la plurinacionalidad. Si se admitía la existencia de una nación política distinta de la española, el edificio constitucional se desmoronaba (...) De acuerdo con este planteamiento, el cuestionamiento del demos no puede ser abordado políticamente (...) Para llegar a la conclusión firme de que solo puede existir la nación española es preciso introducir el principio de soberanía. Y es aquí donde la sentencia del Estatut revela claramente sus raíces ideológicas, propias de un nacionalismo español que aborrece la posibilidad política de la plurinacionalidad”. Auzitegi Konstituzionalak berak ez du berdin jokatu Europarekin: “el Tribunal Constitucional no ha hecho una lectura “literalista” de la Constitución que podría haber bloqueado la europeización del sistema político español. Así, no ha afirmado que la Constitución no “conoce” otras instituciones que no sean las emanadas de la nación española. Y no lo ha hecho porque en el caso de la integración europea el Tribunal ha evolucionado en concordancia con los tiempos, entendiendo que la soberanía política nacional está limitada y es compartida con otros pueblos en el contexto de la Unión Europea. El Tribunal Constitucional, con otras palabras, ha hecho una lectura dinámica y constructiva del texto constitucional en todo lo relativo al proceso europeo de integración”. Ondorio honetara heltzen da azkenik: “El desdén de las elites españolas hacia el principio democrático está detrás de las reacciones cerriles que culminan en la crisis de otoño de 2017. De hecho, (...) la acción del Estado en esos meses puede entenderse como una exacerbación del principio constitucional o de legalidad a costa del principio democrático”. Bi printzipio horiek, legaltasunarena eta demokratikoa uztartu ezinik ez dagoela frogatzeko Quebeceko Auzitegi Konstituzionalaren jokabidea azaltzen eta goresten du. 1998an, Kanadako Auzitegi Gorenak sententzia historikoa eman zuen; askorentzat, modu eredugarrian uztartu zituen konstituzionalismoa eta demokrazia, denak kontentatuz, Quebeceko nazionalistak bezala Kanadako Gobernua: “Según el Tribunal, un resultado claro en un reférendum no vinculante obligaría a las partes a iniciar negociaciones al más alto nivel que deberían llevarse a cabo de acuerdo con los cuatro principios antes mencionados. Por tanto, a Quebec no le asiste derecho unilateral alguno a la secesión, pero en caso de que se constate, por ejemplo mediante la celebración de un referéndum, una voluntad mayoritaria y clara a favor de la separación, el Estado de Canadá no puede sustraerse a ese dato y, en coherencia con los principios fundamentales del sistema constitucional, tiene la obligación de iniciar negociaciones que pueden tener entre sus resultados posibles la secesión de un territorio. El contraste entre esta interpretación flexible de la Constitución canadiense y la sentencia del Estatut del Tribunal Constitucional español no puede ser mayor”. Horraino heltzen da demokrata espainiarra. Gorago esan bezala, hauteskundeen zikloak, hauteskunde noriak ez du hausnarketa politikorako abagune egokirik eskaintzen. Gomendatu dizkizuedan bi liburuak egokiagoak dira horretarako. 8. Hasier Arraizen autokritika Sarrionaindiarenaren uberan 2019-06-26 Maitasun keinu bat besterik ez deritzan liburu argitara berrian, gai asko jorratzen ditu orain arte literatura-aztertzaile eta iritzi-emaile gisa baino ezagunago ezker abertzaleko politikari gisa izan den gasteiztarrak -bi urte Espainiako espetxeetan egindakoa da erakunde armatuan integratua egotearen akusaziopean, nahiz akusazio hori gezurra izan-, eta aipatutako liburuaren zati handi bat literaturak euskal gizartean etorkizunari begira bete dezakeen zereginak hartzen badu ere, idatzi honetan soilik berak egindako autokritikari erreparatuko diot, Sarrionaindiaren autokritikaren ildoan kokaturik berea, euskal herritar guztion bizikidetzarako ekarpen ona delako ustean. Gatozen lehenbizi, Sarrionaindiaren autokritikara -Lapur banden etika ala politika liburuan-. Iurretarra egun indarrean den 1978ko Konstituzioari azken ukituak ematen ari zirela sartu zen ETAn. Zergatik sartu zen erakunde armatuan 1978an, hogei urte zituela? Ideiengatik baino gehiago -oso ideia oinarrizkoak zituzten, esaterako, espainolek eta frantsesek bezala, geure herria izateko eskubidea dugula euskaldunok-, biktimismoagatik eta antimilitarismoagatik dio berak: “Gure herria militarki okupatua zegoela ematen zuen: naturala irudituko zitzaien batzuei, beharbada, baina beste batzuei ez. Polizia, Guardia Zibila eta `inkontrolatuak´ deitzen zirenak zebiltzan edozein bazterretan, eta itzela zen gauzak aldatu nahi zituztenen kontrako errepresioa. Borroka armatua autodefentsa bat zen, zapalketaren aurrean duintasun apur bat erakusteko modua. Goio, Felipe eta herriko beste batzuk Iparraldean errefuxiatu ziren egun haietan, Poliziak nire adiskide bat, Patxi, preso hartu zuen, Iruñean. Guardia Zibilak nire beste bi lagun hil zituen, handik gutxira Gernikan: Alberto García eta Jesus Mari Arrazola [1978-V-11]”. Biktimismoagatik: “Bortizkeriaz inguratuta bizi ginen eta, ezer ez egitea ETAn sartzea baino bortizkeria handiagoa iruditzen zitzaidan. Esan daiteke biktimismoagatik sartu nintzela, batere asmo heroikorik gabe”. Eta antimilistarismoagatik. 1958an jaioa denez, 1978an zegokion soldadutza egitea. Garai hartan irakurri zuen Camus-en Izurria eta garai hartan armada espainola berarentzat, frankismo guztia bezala, izurritea zen: “Nire ofizioa, hogei urterekin, soldadutzara joatea zen, bi urterako, eta Ejertzito espainola niretzat izurritea bezalakoa zen (...) Izurritea sufritzea zen gauza bat, baina hori izurritearen agente izatea zen: zerbitzu militarra egin beharra nuen derrigorrez bi urtez, bestela intsumisioa, baina intsumisio mugimendurik ez zen, eta uste dut bost urteko kondenak bete behar izaten zirela kartzela militarretan. Biktimismoagatik eta antimilitarismoagatik sartu nintzen ETAra, orduan”. Nago arrazoi horiek gaur egun zenbait euskalduni eta euskal herritar askotxori, alderdi espainolei botoa ematen dieten gehienei, segur aski, sinesgarriak ez zaizkiela irudituko, eta garai hartan jaio gabe zeudenei, txundigarriak egingo zaizkiela. Ni neu, garai hartan jaioa izaki, oso arrazoi sinesgarriak iruditzen zaizkit; errepresio giroa halakoxea baitzen 1978an (Digresiotxo bat zilegi bazait: Egun ere militarki okupatuak jarraitzen dugu; 5.000 guardia zibil eta 2.000 polizia, eta 1.200 soldadu armadakoak Hego Euskal Herrian. 8.200 gizon eta emakume armatu espainol. Gehi zerbitzu sekretuetakoak. Ertzainak baino gehixeago. Autonomia handia omen dugu, baina erreferendumik ez da posible, esaterako, guardia zibil eta poliziek hemen jarraitzea nahi dugun demokratikoki erabakitzeko). Baina, natorren Sarrionaindiaren autokritikazko adierazpideetara: “Bortxak deslegitimatzen zuenez Estatua Euskal Herrian, erresistentziak legitimatzen zuen ETA, ez bortxak. Baina Yoyesen kontrako ekintzan edo Hipercor merkataritza zentroaren kontrakoan, adibidez, ez erresistentzia, baizik eta bortxa ikusi zuen jende askok. (...) Miguel Angel Blancorena heldu zen, eta Barajasko T4koa ere bai. Bestearen gaiztakeria zen gure aktuazioaren arrazoia, eta geure txarkeria zuritu behar zuena. Biktimismoaren eta intentzioen fundamentalismo horrek apartatu zuen ETA, nik uste, euskal gizartearen babes isiletik (...) Lortu dugu biolentzia iraultzailearen araua zapuztea momentu askotan: ahalik eta bortizkeria gutxien erabiltzea, ez ahalik eta gehien. Eta lortu dugu mina, erditze mina izan behar zuena, gehiegizkoa eta alferrikakoa izatea. Ez diot hori erresentimendutik, errua botatzeko beste inori, ez pertsona bati, ez alderdi bati. Baizik eta justu alderantziz: gauzak aldatzeko, okerren zama gainetik kentzeko, beste bide batzuk behar ditugulako. Egia batzuk konpartitu beharra dugulako, elkarren beharra dugunez gero bizitzeko moduko gizarte bat osatzeko.Unilateralitatea, beharrezkoa izanda ere, ez delako soluzioa. Jendeak beste politika bat behar eta merezi duelako.” Ezin gara luzatu idatzi honetan; gatozen Arraizen autokritikazko adierazpideetara. Lehenik enplegatzen da gorago aipatutako liburuan, benetako autokritika sasikotik bereizten. Zer da benetako autokritika? : “norberak bere ekimenez egiten duena da”. Eta zer ez da zinetako autokritika? Bi mota bereizten ditu. Bata da, bestek eskatutako autokritika, zeren hori kontakizunaren lehiaren zelai zail eta lokatzez betean kokatzen baita. Neure hitzez esanda, ETAri eta ezker abertzaleari eta EHBilduri alderdi politiko espainolek eta EAJk eskatutakoa, besteak beste. Eta bestea, noizbait ETAn edo ezker abertzalean jardunik, desadostasunak direla medio, hura utzi eta kritika zorrotzari ekin diotenena: “Kritika horiei batez ere erresumina antzematen zaie, bat-batean ematen duelako kritikariak ez direla sekula kritikatutakoaren partaide izan, eta batzuetan norberak kritikatutakoaren aurkako zapalkuntza ere ontzat eman duelako. Azken jokaera horrek ere ez dirudi oso etikoa.” Halarik ere, guztiz konbentzitua dago autokritika egin beharra dagoela; lehenik, indarkeria zikloa ixteko hartutako erabakiaren zergatiak azaldu behar direlako. Eta Arraizen iritzian, autokritika norberak egin behar du, inork eskatu gabe, kanpotik egiten den beste kritika bat bihurtu gabe. Bera ez da inoiz ETAkoa izan, Espainiako Justiziaren epaiak aurkakoa baieztatu arren: “Baina nire ardurak -politikoak, jakina- ezkutatu gabe, ETArekin sortutako kultura politikoaren partaide gisa adieraz dezaket euskal gizarteari zor diogun autokritika egin behar dugula; izan ere, gure akatsak onartzen ez baditugu, emango du ez zirela akatsak izan, baizik eta ezinbesteko urratsak beti egin nahi izan genuenaren bidean. Eta ez da hala izan. Hori ez da guk beti egin nahi izan dugun bidea. Zapalduak zapalkuntzari aurre egiterakoan badu bere jardueran inoiz zapaltzaile bihurtzeko arriskua”. Batez ere, zein da Arraizen autokritikaren edukia? Bere hitzak aldatuz: “Nik, autokritika zuzen eta zintzoaren bidean, oinaze eta giza kalte guztiak onartzeaz gain, erantsi behar dut Estatuaren aurka izandako enfrentamendu militarra -armak hartutako herritar talde baten eta estatu bati dagozkion segurtasun indar batzuen eta armada baten arteko enfrentamendu zeharo desorekatu horretan- euskal gizartearen baitako konfrontazio bilakatzeko urratsak -herri ordezkariak mehatxupean izatea eta hiltzea, aurrez aurreko elkarretaratzeak, konfrontazio giroa euskal gizartearen eremu guztietara eramatea...- akats estrategiko latzak izan zirela. Gizartea zatituta egotea okerra da beti, baina aurrez aurre bi zatitan hautsita egotea konpondu ezineko akats politiko larria da. Gainera, zapalkuntzari aurre egiteko armak hartu zituzten herritarrak gero eta herritar gehiagok euskal gizartearen etsai gisa hartzea lortu zen. Hala, zaila da ulertzen, hemen eta edonon, gizarte baten gehiengo zabalaren aurka ari direla herritar batzuk gizarte horren askatasunaren alde borrokatzen”. Oso laburturik eman ditut, merezi du bere osotasunean irakurtzea. Irakurleak juzga beza bake eta elkarbizitzarako Sarrionaindiaren eta Arraizen ekarpenen balioa. Niretzat baliotsuak dira. Ea bestaldekoek ere bide bera urratzen duten. 9. Euskal Herriaren egungo opioa 2019-07-29 Behiala esaten zen erlijioa zela langileen eta herri-klaseen lo-belarra, etsipenaren eta konformidade kontserbadorearen narkotiko nagusia. Gaur egun, berriz, etengabeko hauteskunde zikloa eta Euskobarometroa direla esango nuke. EHUko Zientzia Politikoetarako Departamentuak maiatzaren 28tik ekainaren 19ra bitartean EAEko 1.200 herritarri egindako inkestaren arabera, Eusko Legebiltzarrerako bozak gaur eginez gero, bi eserleku gehiago lortuko lituzke EAJk, 30, eta botoen %40. Sozialistek ere gora egingo lukete, eta parlamentuan gehiengo osoa eskuratu ahalko lukete biek batera. EH Bilduk egun baino eserleku bat gehiago izango luke, 19, eta botoen %23. Baina ez liokete ezertarako balioko. Podemos-ek eta PP-k behera egingo lukete. Itxura guztien arabera, zientifikotasun objektiboaren berme guztiekin datorren albisteak euskal hedabide publikoetan presentzia zabala eta prime time izango du, hain segur, eta ematen duenez, pisuzko arrazoia izan liteke Urkullu lehendakariak, laster, bozetara dei diezagun berriz ere; betiere Espainiakoen gorabeheran, noski, Madrilekiko betiko mendekotasunean. Benetan pedagogikoa, demokratikoa, eta aurrerakoia izango litzateke jendeari galdetzea zer iritzi duen gobernu koalizioak (EAJ-PSE) egindako politika konkretuez, eta bereziki agindu bai, baina bete ez dituzten promesez. Baina ez, itxuraz, herritarrak pertsona heldu, ongi informatu eta ongi hezitzat harturik, botoa nori emango geniokeen galdetzen zaigu; baina denok dakigu ez dela horrela, ez gaudela ongi informatuak eta heziak, eta bizi garen gizarte kontsumista eta ikuskizunzale honetan, burua gehienetan txoriz eta belez betea dugula; eta, galdera horiek benetan egiten direla egungo politikaren bermatzaile jotzen direlako era horretako inkestak, eta ez herritarrok heldutzat jotzen gaituztelako -manipulaerraztzat jotzen gaituzte-. Benetan pedagogikoa, demokratikoa, eta aurrerakoia izango litzateke jendeari galdetzea zenbaterainoko gaitasuna dutela uste duten hemengo politikariek bankaren, multinazionalen eta elite politiko indartsuenen (G7) nahi eta inposizioetatik aldentzeko, eta bestelako politika herrikoiago batzuk abian jartzeko. Baina, ez, jarraituko dugu hauteskunde ziklo etengabearen norian biraka, eta euskobarometroaren eragin narkotizatzailea pairatzen ez dakit noiz arte, eta Euskal Herria beti burujabetzarik gabe, mendekotasunean, eta euskara ez aurrera eta ez atzera, latente onenean, dagokion espazioaz jabetu gabe, besteak beste, agintarien jokabide txepelaren eraginez. 10. Puigdemont: Batu gaitezen berriz! 2019-08-27 Duela bi urte, garai honetan, euskaldun politikoki kontzientziatu guztiok Kataluniara begira geunden, denok irrikaz jakiteko han zer gertatuko zen, eta miraz aldi berean, han gertatzen ziren mobilizazio erraldoiak zirela medio, gizarte zibil eta politiko subiranisten arteko sintonia eredugarria zela kausa. Denok dakigu 2017ko urriaren 1ekoaren ondotik, dezepzioa eta alderdien arteko zatiketa nagusitu direla han, eta gurean, hura ondo ateraz gero, jeltzale eta bilduzaleen artean indarrak batzeko itxaropen ttipiren bat bazegoen, aipatutako itxaropenak erreka jo du are gehiago. Baina itzulinguruak utzita, goazen harira. Honako izenburu hau duen liburuxka argitaratu berri du Carles Puigdemontek: Reunimnos. Reflexions sobre el retorn a la unitat (La Campana. 2019ko uztaila. 57 orrialde, formatu txikikoak; katalanez idatzia). Gezur asko haizatu dute Puigdemonten izen ona zikintzeko hedabide espainiarrek: balen kontrako txalekoak erabiltzen dituela, Tailandian egon dela erbesteratua, otorduak egin dituela ETAko kideekin, bipolarra dela, depresioak jota dagoela, luxuzko jatetxeetan sekulako dirutzak xahutu dituela, orgia bisexualak eta erritual satanikoak egin dituela... Gezur horiei hedabideetan aurre egiten astia galdu beharrean, Belgikan daramatzan 21 hilabete hauetan egin dituen gogoeten harira, ondorio nagusi honetara iritsi da: Kataluniako Errepublika independentea lortu nahi bada, independentista guztiak batu behar dira, eta erabakiak zuzendaritza aliatu batek (direcció aliada) hartu behar ditu une politiko bakoitzean Errepublika independentearen beharren arabera, eta ez alderdi independentista bakoitzaren interesen arabera, eta horrekin batean, tamalez, Estatuarekiko konfrontazioa beharrezkoa izango da, eta konfrontazio horrek baketsua izan behar du. Hauteskundeetara banaka joanda, independentismoa irabazian aterako zela uste zuten batzuek; eta, bien bitartean alderantziz gertatu da. Bartzelonako alkatetza ezin garrantzizkoagoa galdu da; Bartzelonako Diputazioa galdu da, udalak galdu dira, eta Espainiako “eskuina gerararazteko” xedez, alderdi sozialista espainolari opariak egin zaizkio, jakinik afera nazionalari dagokionez, PP eta PSOE berdintsuak direla mamira joz gero, diskurtso moderatuagoak gorabehera. Bozetara zatiturik joanda, gertaturiko galeretatik harago, lehen ez zekizkiten gauzak dakizkite orain katalanek, hots, eskarmentuak begiak irekiarazi dizkie. Lehen ez zuten uste Estatuak errepresiora joko zuenik erreferendum demokratiko bat aurrera eraman nahi izateagatik, eta orain bai. Felipe VI.ak erakutsi zuen aurpegi zigortzailea ere aurretik ikusi gabea zioten haren aitari, baina orain ikusia eta ikasia dute. Espainiako gizarteak eta klase gidariak erlijio askatasunari dagokionez, edota immigrazio edo sexu-identitateari dagokionez egin duen bilakaera miresgarria izan dela dio Puigdemontek -seguru irakurle asko ez dagoela honekin ados, edo erabat ados, eta ezta zer egonik ere, noski!-. Nazionalkatolizismoan, inperialismoaren nostalgian, matxismoan, homofobian eta antisemitismoan hezitako belaunaldia giza eskubideen aldera igaro izanari, ezkontza homosexuala errespetatu eta defendatzera igaro izanari, eta migratzaile olatuen aurrean jarrera xenofoboak baztertzera egin izanari, miresgarri deritzo; besteak beste, horregatik, ez zuten uste erreferendumarekikoan Estatuak errepresioarekin erantzungo zuenik, baina orain garbi dute, ezen %47,5 boto-emaileen ordez, %65,5 izanda ere, edota independentistak bi milioi izan beharrean, bi milioi eta zortziehun mila izanda ere, berdin-berdin ukatuko lukeela Estatuak erreferendum loteslea, bi alderdi nagusi eta Auzitegi Konstituzionala estu-estu elkarturik. Aberriaren batasuna jokoan denean, espainiarrek duten irrika atabikoa aipatzen du. Tradizio politiko espainolarentzat, aberriaren batasuna garrantzizkoagoa da bertan bizi behar duten herritarren bizia baino. Espainiarren arrakasta historikoetako bat omen da ideia horrekin gizarte espainolaren parte inportante batek bat egin izana. 2015ean egindako inkesta baten arabera, galdekatutako espainiarren %48,3k zioten prest egongo zirela familiagatik ez ezik, beste zerbaitegatik bizia emateko. %40k “beren aberri, nazio eta herriagatik”. Inkesta horretan, katalan eta euskal herritarrak ere barne ginen; bada, %71 katalanek eta %74 euskal herritarrek zioten ezetz, ez liratekeela bizia emateko prest egongo, familiagatik izan ezean. Aldiz, Gaztela-Mantxan %57k eta Andaluzian %55ek baietz esan zuten. Azken hogeita bat hilabeteetan ikusi eta ikasitakoak gogoan, Puigdemontek alderdi independentisten batasuna eta zuzendaritza aliatua behar-beharrezkotzat jotzen ditu esan bezala, eta konfrontazio ez-oldarkorra: ekintza zuzen ez-oldarkorra, erresistentzia aktibo ez-oldarkorra, boikot baketsuzko ekintzak, zerga- eta kontzientzia-eragozpenak, eta abar, estrategia orokor eta amankomun baten barruan, une historiko jakin bakoitzean, tentuz eta ausardiaz erabilirik haiek, Kataluniako Errepublika askea helburu. Katalanek jarraitu beharra dute salatzen Estatuak jarraitzen duela bidegabekeriaz tratatzen herritar katalanak, balantze fiskalak monitorizatzen, eskumen murrizketak salatzen, Auzitegi Konstituzionalaren inpartzialtasun eskasia, katalan hizkuntzaren diskriminazioa eta Estatuaren zabarkeria aniztasun kulturala eta linguistikoa babesteko garaian, migratzaile olatuak kudeatzeko finantzaketa aski-ez kronikoa, osasun zerbitzu eta azpiegitura falta. Zeren independentzia ez dute nahi Espainiako demokraziaren antzeko bat abian jartzeko, Espainiako Kongresuko 350 parlamentariren ordez Kataluniako Parlamentuko 135 ezartzeko, edota bandera espainolaren ordez katalana, eta Errege Martxaren ordez Els Segadors kantatzeko, baizik eta herritarrei parte hartzeko aukera emateko, legeak egiteko eta administratzeko mekanismoak aldatzeko eta hobetzeko. Galderekin amaitzen du. Prest al daude katalanak Espainiak katalanentzat prestatua duen harresiari, errepresio harresiari aurre egiteko? 2017ko urriaren 1a baino lehen, ez zuten uste Estatua errepresioa ezartzera ausartuko zenik; orain, aldiz, badakite baietz. Ez du esperantza galtzen Puigdemontek, eta Kataluniako Errepublika independentea lortzeko estrategia horretan parte hartzeko gogo eskasik ere ez du. Azken ohartxo bat: katalanek ez digute euskal aberria askatuko, baina begirik ez diegu kenduko datozen hilabeteotan, eta askatasuna opatzeaz gainera, elkartasunik ere, ez ahal diegu ukatuko! 11. Nazionalismo espainolista-konstituzionalista 2019-09-05 Juan Carlos Moreno Cabrera madrildarra -Filosofia eta Letretan doktorea eta Linguistika Orokorreko katedratikoa Madrileko Unibertsitate Autonomoan-, ez da ezezaguna gurean, izan behar lukeen bezain ezaguna ez bada ere, bereziki gaztelaniaren supremazismoa (euskara, katalana, galegoarekiko...) sutsuki eta ahoan bilorik gabe salatzeagatik. Lehenbizi, katalanez argitaratu den Determinació nacional saiakerarekin (gaztelaniatik itzulia), arlo hertsiki politikora iragan da, linguistikoa alde batera utzi gabe. Guztioi gomendatzen dizuet liburua, bereziki gure politikariei. Abiatzen da esanez katalan herriak 2017ko urriaren 1ean burututako autodeterminazio erreferenduma gertakari garrantzitsu eta esanguratsuenetako bat izango dela Europa garaikideko historian. Espainiako estatuko goi instantziek, Estatuko Buruzagitza barne (monarka), onarturiko eta Espainiako gobernuak eragindako biolentziaren aurka, eta Estatuko agintariek erreferenduma eragozteko egindako saiakera legal eta ilegal guztien aurka halaber, egun hartan katalan herri antolatu eta solidarioak modu baketsu eta zibikoan aurrera eramatea lortu zuen Europa garaikideko prozesu demokratiko esanguratsuenetako bat. Askatasun eta demokraziaren aldeko borrokan, katalan herriaren garaipentzat jo behar da urriaren 1eko erreferenduma. Saiakerara etorrita, idatzi du aztertzeko zergatik debekatu zuen Espainiako Gobernuak erreferenduma, eta zergatik eratorri den handik errepresio itzela. Berak pisuzko arrazoietan oinarriturik defendatzen duen tesia da Espainiako estatuan eta espainiar esparruko instituzio politiko, ekonomiko eta mediatikoetan badagoela ideologia nagusi bat, zeina nacionalisme espanyolista izendatzen duen, honako postulatu negazionista honetan oinarritzen dena: nazio espainiarraren esentziak ezinbestean inplikatzen du nazio izaera ukatzea Galiziari, Euskal Herriari eta Kataluniari. Laburbildurik, saiakeraren lehen zatian defendatzen eta arrazoitzen du nazionalismo espainolistaren ideia funtsezko hori nazionalismo konstituzionalaren esparrura iragan dela 1978ko Konstituzioaren bigarren artikuluaren bitartez -militar frankistek Konstituzioaren gurasoei inposatua eta haiek txintik esan gabe onartua zetorren tokitik zetorrelako-, non modu erabatekoan ezartzen den nazio espainolaren hautsezintasun eta zatiezintasuna. Bigarren zatian, enplegatzen da erakusten nola jardun politiko eta judizial asko, eta hedabide nagusien analisi gehienak, nazionalismo espainolistaren postulatu negazionista horrek baldintzatuak dauden, eta, beraz, nola etnozida den; eta, azkenik, hirugarren partean aztertzen du nola nazionalismo espainolista horixe bera den Espainiako Konstituzioaren hirugarren artikulua -espainiar hizkuntzak Estatuan duen eginkizuna arautzen du- interpretatzeko oinarria, eta, horrenbestez, nazioen artean hierarkiak dauden bezala, haien hizkuntzen artean ere bai: euskarak, galizierak eta katalanak beti gaztelaniari azpiraturik egon behar dute -hizkuntza propioak menpekoak eta hizkuntza amankomuna menderatzailea-, beti elebitasun desorekatuan, 1978ko Konstituzioa aldatu ezean. Gauzak horrela laburturik, ematen du saiakera hori ez dela izango inoren barruak mugitzeko gai, baina ez da hala: abertzaletasun izpi bat duen inor ez du apatiko eta axolagabe utziko. Ideia esanguratsu batzuetara etorririk, Moreno Cabreraren arabera, alderdi konstituzionalisten ideologia espainolista argia da: nazio espainiarra baino ez dago. Haiek proposatzen dutena da lehen mailako nazioak egotea, menderatzaileak, eta bigarren mailako nazioak, menpekoak, hala nola katalana. Horrek segitzen du izaten: “etnocèntric, etnocida i excloent i totalment fora dels paràmetres autènticament democràtics i igualitaristes que han d´oposar-se a tots els tipus de supremacisme i racisme”. Horregatik, konstituzionalismo espainolista negazionista (supremazista eta arrazista) Katalunia nazioa ez delako ideian kokatzen da, zeren egiaz nazioa dela ametitzera iritsiko balitz, askoz nabarmenago hautemango lirateke euren posizionamendu supremazistak. Nazionalismo espainolistak izaera oldarkorra, negazionista eta etnozida du, eta horren mamia ideia honetan datza: espainiar nazioaren ideia erabat bateraezina da Galizia, Euskal Herria eta Katalunia nazio burujabe aitortzearekin. Espainiar naziokoak diren pertsona askok duten arazo larria da doktrinatuak izan direla, bereziki hezkuntza, hedabide eta alderdi politikoen aldetik, bere burua nazionalismo espainiartzat ageri duen nazionalismo espainolistan. Hori oso garbi gelditu zen 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren aurretik eta ondotik gertatu zen bandera espainiarren eztanda exhibizionistan. Madrilen milaka bandera espainiar zabaldu ziren balkoietan. Oso esanguratsua da: autodeterminazio erreferendum baketsu bat egitea Katalunian mehatxu gisa ikusi zuen espainiar askok. Hori, dio, Moreno Cabrera madrildarrak, egiaz, nazionalismo ekintza iraingarri bat izan zen Katalunia nazio burujabe gisa aitortzearen aurkakoa, eta gobernua katalan herriaren aurka hartzeko zorian zen neurri antidemokratikoen aldekoa. Konklusio moduan dio katedratiko madrildarrak katalanen borondate subiranista sendoa eta egonkorra dela eta izaera baketsu eta demokratiko ezbaiezina duela. Ez dago instituzio politiko, judizial edo polizialik katalan nazioaren borondate subiranista suntsi dezakeenik: “És una qüestió de la més pura democràcia i d´apoderament d´un poble sotmès per un imperialisme nacionalista que disposa de molts mitjans al seu abast però que mai podrà doblegar la voluntat del poble català.” Horrek ez du esan nahi Espainiako instituzio espainolistek kalte handia ezin egin diezaiekeenik eta desesperazio handia ere ekar ez diezaiekeenik, eta ez du esan nahi halaber ez dutela konturik eman beharrik izango benetan demokratikoak diren instituzioen aurrean -egungo Europar Batasun politikoa ezaguturik, ez da sinesteko erraza baina beste instantzia batzuek ere salatu dute Jordi Cuixart-i Ho tornarem a fer liburuan irakurri diodanez; esaterako, Nazio Batuen Erakundearen Atxiloketa Arbitrarioen Lan-taldeak-, beraren asmo etnozida eta prozedura antidemokratiko eta biolentoena. Gorago adierazitako tesia berretsiz amaitzen du saiakera: Espainiako estatuaren instituzioek Kataluniako autodeterminazio erreferendum baketsuaren aurrean hartutako jarrera errepresibo eta biolentoaren azalpen bat da nazionalismo espainolista: ideologia erradikala, negazionista eta baztertzailea, zeinaren postulatu funtsezko bat den herri galegoa, euskalduna edo katalana ez direla egun, ez direla iraganean izan, eta ez direla inoiz etorkizunean nazio burujabe gisa aitortuak izango, zeren eta horraino iristea lortuz gero, horrek nazio espainiarraren desagertzea ekarriko bailuke aipatutako ideologiaren arabera. 12. Egungo egoera politikoa 2019-10-27 Kataluniako preso politikoen sententzia ezagutu ondotik, Espainiako presidenteak egindako adierazpenen eta Torra presidenteari egindako muzinen argitan, garbi ikusten da Podemos-ekin konpondu ezinaren atzean zer zegoen batez ere: Espainiaren batasuna zorrotz bermatzea. Eskuak libre nahi zituen presidenteak irmo adierazteko sententzia politiko injustua errespetatzen dutela, eta moderazio gehixeagoren itxurarekin bada ere, estatuaren batasunaren bermatzaile gisa ez dietela ezer zor ez PPri eta ez Ciudadanos-i ere. PSOEren inguruko enpresaburu eta ukandunek ere presio egingo zioten Sanchez-i Podemos-ekin ez elkartzeko, eta Europar Batzordeak ere, zeharka beharbada, baina lehen esan duguna: eskuak eta mihia libre nahi zituen Sanchezek Kataluniaren “eraso” nazionalaren aurrean, beste alderdi nazionalistak bezain irmo agertzeko iritzi publikoaren aurrean, eta praktikan errepresiora jotzeko benetako negoziazio eta elkarrizketa politikoari muzin eginez. Ez zen egia Sanchez-Iglesiasen arteko pertsonalismoak zirela talka sorrarazleak, ez, hori hedabideentzat bazka eta hedabideen euren engainabide bat zen; benetako arrazoia gorago esandakoa. Espainiar nazionalistak gogor ari dira euren estatuaren batasuna bermatzen, eta estatuaren indarrez maite duten nazio espainola gero eta hegemonikoagoa izateko lehian, eta katalan, galego eta euskal nazioak kulturalki eta linguistikoki gero eta ahulago bihurtzeko lantegian. Guk, aldiz, ba al dakigu? Abertzale guztiok autokritika egin beharko genuke, alderdikide eta norbanako, eta mezu garbi bat helarazi jendarteari, eta horrekin ahalik eta kontsekuenteenak izan bakoitza bere arloan. Hasteko, azken berrogei urtean EAEko erakunde autonomikoetan nagusi izan den EAJ/PNVko abertzaleek autokritika egin beharko lukete, eta aitortu, hasiera batean, frankismotik irten berri, zilegi bazen ere pentsatzea autonomiak independentziara edo behintzat autodeterminazio erreferendumera hurbil gintezkeela -neuk ere pentsatu nuen hasiera batean-, itsutua ez dagoenarentzat eta abertzaletasuna bost axola ez zaionarentzat, eta autokritikari leihoa irekitzeko prest dagoenarentzat oso garbi dagoela autonomi estatutuak autonomi estatutura baino ez garamatzala, Espainiako gobernuarekiko menpekotasun harreman asimetriko batera, non beti nagusi Madril den, eta Gasteiz mendeko, eta horrekin batean aitortu beharko lukete ezker abertzalearen eta ETAren aurka bortitz aritu direnean espainol nazionalistekin bat, zenbaterainoko legitimitatea eta indarra eman dioten Espainiako estatuari, hemengo unionistei, Espainiako justizian, espainiarrek baino askoz gehiago sinetsiz edo, berdin da azkenean, sinesten zutelakoarena eginez. Gauden egoera larriaren bermatzaile eta zurkaizle izan dira, autonomi estatutu mugatu baten amorez, eta okerrena da bizikidetzaren aitzakian jarraitzen dutela disidentzia independentista gaitzesten eta menpekotasuna ereiten. Badute garaia sasi-moral eta sasi-etika alde batera uzteko, eta politikan argudio politikoekin aritzeko, eta besterik ezin badute egin, edo ez badute egin nahi, aitortzeko behingoz, alderdi espainol autonomista bat direla, eta ildo horretan boto-biltzen eta estatutua baliatzen jarraituko dutela per sekula sekulorum. Ezker abertzaleari dagokionez, asko sufritu du -sufriarazi ere-, espetxe-urte ugari bizkarreratu ditu, eta oraindik ere badu zertaz kexa preso eta iheslariak tarteko, baina onartu beharko luke autokritikaren bidetik, ideia ezkertiarren uberan, ez dituela euskal nazioa eta hizkuntza behar bezala aurrerarazi, eta transatlantiko biraketa beranduegi etorri dela. Ardatz soziala garrantzitsua izanagatik, Madrilen marra gorriak markatzen dituena ardatz nazionala bada, non hizkuntza axola handienekoa den, ikas dezagun arerio politikoarengandik. Euskal hizkuntza eta euskaldun kontzientzia eta naziogintza oso makalduak ditugu, eta azken urteetako migrazio ugariak arazoa areagotu egin du, eta horrenbestez, bada garaia muin-muineko arazo giltzarriari lehentasunez eta irmotasunez heltzeko. Espainiako armadak, guardia zibilek eta polizia nazionalek -ETAren inposizio armatua gaitzesgarri, eta horiena zurigarri? !- eta politikari espainol nazionalistek eta (in)justizia sistemak eta hedabide espainol nazionalistek inposatzen duten estatu antidemokratiko estatuko gainerako nazioen suntsitzailearen aurrean, amore eman behar ote dugu? Egunotan Katalunian ikusten ari garenez, -Frantziako estatua eta Alemaniakoa ere ematen du aldeko dituela Espainiak, funtsean-, jokaera irmoa eta gogorra eskatzen du. Larrialdi egoeran gaude gure nazio eta hizkuntzari dagokionez, eta abertzale guztiok zintzo eta irmo jokatzeko garaian, asko baino lehen desagertu nahi ez badugu edo erreserba gero eta mugatuagoetan bizitzera etsi, gero eta arrotzago geure buru eta nahiekiko. 13. Burgotar aita-semeak eta estatus politiko berria 2019-12-26 Jaime Ignazio del Burgo Iruñean jaio zen 1942an; Jaime del Burgo Torres historialari frankistaren semea da, eta dakizuenez, EAErentzat estatus politiko berria idazteko adituen batzordeko kide, PP alderdiak izendatua. Adituen batzordeko kide gisa, 2019ko abenduaren 6an DV-n egindako elkarrizketan zioen eskubide historikoek ez dutela autodeterminazio eskubidea legitimatzen: hori kontra-foru itzela da. Lehen foruen kontrako bidegabekeriak estatu zentralistak egiten bazituen, orain PNV-Bilduren arteko “kontubernioa” aurrera ateraz gero -judeo-masónico-comunista-internacional oroitaratzen du-, Euskadiko instituzio komunek egingo zituztela. F. Aoizek El retorno de lo reprimido (Tres tristes trileros . Txalaparta. 2016. 125-230), XIX. mendean, indarrean egondako binomio ideologikoak (zentralismo-foralismoa, tradizio-liberalismoa, errege legitimoa-errege ilegitimoa) aldez beste iraulkatu ziren XX. mendeko lehen bi hamarkadetan, eta ardatz ideologiko berriak ezarri ziren: Espainia versus komunismoa eta separatismoa (anti-Espainia). Espainiak ordena, jabetza, hierarkia sozialak, patriarkatua eta erlijio katolikoaren nagusitasuna sinbolizatzen ditu, haren irakurketa erreakzionarioenean, eta Elizaren paper gailena, halaber. Horren guztiaren jarraitzaile abantailatua da Jaime Ignazio del Burgo. Haren aita Jaime del Burgo Torres, hura ere Iruñean jaioa, eta karlista, baina karlismotik tradizionalismo frankistara igaroa, gazterik hasi zen nabarmentzen Agrupación Escolar Tradizionalistan (AET), eta izen bereko aldizkarian: “Izan gaitezen gizonak eta jakin dezagun eroritakoa mendekatzen; sozialistei beren zentroetan urte osorako xingola beltzak ipinaraziz bada ere. Zeren horien aurka edozein prozedura da ona: bonba, puñala, eta sutea (137or. ). 1934ko urtarriletik, Jaime del Burgok paper garrantzizkoa jokatu zuen karlismoa mugimendu faxisten helburuetara eta hiztegira egokitzen. Iruñeko gazteria tradizionalista paramilitarki antolatzeko lantegia AET aldizkaria argitaratzearekin aldizkatu zuen, eta haren orrietarik iraultza sozial eskuindarrera deitu zen argiro eta nabariro. J.M. Torrealdaik oraindik orain plazaratutako liburuan, frankismo guztian zentsura gotorra ezartzeaz arduratu ziren ordezkari probintzial gailenenak izendatu dizkigu, eta Nafarroatik, Jaime del Burgo Torres huraxe (De la hoguera al lápiz rojo. 2019.119or.). Hogeita hiru urtez aritu zen zentsore nagusi gisa Nafarroatik. Jakina, semeak ez du aitaren hobenen edo merezimenduen errurik edo bertuterik, baina Jaime Ignazioren kasuan, Aoizek frogatu du aitaren seme duina izan dela Jaime Ignazio, frankismo garaian hasita, aitaren uberan eta hark utzitako herentziaz harro-harro gaurdaino, beti ekialdeko eta mendebaldeko euskaldun penintsularrok elkarrengandik bereizten eta etsaitzen, eta beti demokraziaren aurka, Nafarroako Foru Hobekuntzari buruzko erreferendumaren aurka, eta nafar izatea eta espainol izatea biga ez baizik eta bat dela defendatzen eta goresten; nazio bakarra espainola eta nafarra haren aldaera bat, eta, noski, rol horixe jokatu du adituen batzordean ere, bere ibilbide politikoarekin era-erara. Egungo egunera etorririk, Jaime Ignazio del Burgoren posizioaren jakitun, nola ikusi du hark PSEren ordezkaria delako adituen batzorde horretan? Bere kideko ikusi du kasik, askoz ere hurbilago bere posizioetatik EAJren posizioetatik baino: “PSEko ordezkariak ez du Euskadiren nazio definizioa partekatzen; proposatzen du batere erreferentziarik ez egotea Nafarroari atariko tituluan, eta zehazki lurraldeari dagokion artikuluan aldezten du “País Vasco” Autonomi Erkidego bat dela, eta ez du Kontzertu Politikoaren Batzorde Mistorik onartzen eta errefusatzen du estatuarekiko gatazkak Arbitraje-Batzorde batean ebaztea. Ez du onartzen Eusko Legebiltzarrak erreferendumera deitzeko ahalmena izatea, eta batez ere, erabakitzeko eskubideari buruzko xedapena kentzeko eskatzen du”. Orduan, galdera berez bezala dator, %80an bat etorri omen dira EAJ-PSE-Podemos, baina zein da %80 horren eduki kualitatiboa, beste %20ko desadostasun horietan, eduki hain axola handikoak baldin badaude, Jaime Ignaziok azerikiro aditzera eman bezala? Kontent egoteko moduan da iruinseme “basko” nafar-espainola, eta gu ez! 14. Jainkoaren izen berria: Trump 2020-01-06 Eta abizena AEBen indar eta harropuzkeria ekonomiko-militarra. Badakizue zer gertatu berri den Bagdad-en; Soleimani jenerala eta beste zazpi pertsona drone batek erail ditu, egungo Jainko berriak aginduta. Probidentziari ebatsiz nor den bizitzeko duin eta nork merezi duen hiltzea ebazteko ahalmena. Inongo nazioarteko auzitegiren esku-hartzerik gabe, legitimitate moral zipitzik gabe, botere ekonomiko-teknologiko-militarrak emandako ahal hutsez, hilketa selektiboa, hilketa garbia, norbaitek nonbait tramankulu bati klisk huts bat eginda, baina AEBetako presidentearen oniritziarekin, zortzi pertsona sugarretan kiskaltzen! Justifikazioak? Hitlerrek erabiltzen zituenak, edo Mussolinik edo Francok. Eta ondorioa: gerra pitz dezake Iraken, eskualdean, munduan! Alemaniako gobernuko ordezkariek uko egin diote erailketa kondenatzeari, Soleimani terroristen zerrendan zegoela argudiaturik -zerrenda horiek nazioarteko zein fidagarritasun eta legitimitate moral dute?-, eta Erresuma Batuko Atzerri ministroa ere antzera mintzatu omen da. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek beste gerra bat pizteko arriskuaz ohartarazi du, baina erailketa kondenatu gabe. Nazio Batuen Erakundea, tamalez, ez da inpartziala, eta Bakearen aldeko eta gerrako krimenen aurkako Bertrand Russell Fundazio eta Auzitegiaren hutsunea -J-P. Sartrek sostengatua, eta Simone Beauvoir, eta Julio Cortazar, eta Vladimir Dedijer, eta Isaac Deutscherrek beste hogei pertsonalitaterekin batean babestua- betetzea premia-premiazkoa. Hirurogeiko hamarkadan -bereziki nabarmentzekoa da 1963-03-28an New York Times-era igorri zuen gutuna-, B. Russellek ahoan bilorik eta bizarrik gabe salatu zituen AEBak Vietnamen egiten ari ziren krimenak, eta erabiltzen ari zen ankerkeria gupidagabea arma kimiko eta gainerakoekin. Honela justifikatu zuen delako auzitegiaren sorrera: “Tratatuak hausteko ekintza batzuk krimenak badira, berdin dira krimenak Estatu Batuek edo Alemaniak burutu. Ez gaude prestaturik portaera-arau kriminal bat besteren kontra ezartzeko, baldin eta gai ez bagara geure buruarentzat ere berdina ezartzeko” Robert H. Jackson, Nurembergeko epaiketetan fiskalburua zenak adieraziak. Autokritika egin zuen B. Rusellek Koreako gerrakoan ez zelako gai izan Joseph Needham irakasleak eta beste pertsona batzuek iparramerikarrei egiten zizkieten akusazioak sinesteko, hots, Koreako gerra arma kimikoak eta biologikoak erabiltzeko proba-zelai gisa erabiltzen ari zirela estatubatuarrak. 1963an, Vietnametik informazio egiaztatua jaso ahala, konbentzitu zen oso sinesgarriak zirela gorago aipaturiko akusazioak, eta Vietnamen gertatzen ari zenaz zenbat eta gehiago jakin, gehiago konbentzitu zen zinikoki eta gupidagabeki ari zirela AEBak nazio txiki batek independentzia lortzeko zuen desira ezabatzen, eta Genevako Akordioak urratzen, diktadura bat babesten, polizia-estatu bat ezartzen, aurkari guztiak erailtzen, eta horrenbestez, gerra krimen ezin onartuzkoak burutzen. Eta gerra-ekintzak areagotzeko aipatzen ziren aitzakiek gogora ekartzen zizkioten Hitlerren zabalkundea Europan zuritzeko argudiatzen zirenak. Jakina, horrelako fundazio eta auzitegi batek sostengu moral eta ekonomiko franko behar du bere lana egiteko, eta eraginkor bihurtzeko, eta ez du lortu egundainokoan behar lukeen itzalik. Eta, jakina, droneak Obamak ere ugari erabili zituen; ez da bakarrik Trumpen kontua, baizik eta Mendebaldearena, eta eskerrak mundu osoan eragina izango lukeen auzitegi inpartzial baten faltan, Errusia eta Txina ere hor daudela kontrapisu egiteko, baina egungo mundu egoera benetan larria da, horrelako erailketa anker-gupidagabeko batek kontrakotasun gehiago sortzen ez duenean. Mendebaldeko jendarme nagusia den estatu-nazioko presidenteak modu harroputz eta gizagabean eginiko barrabaskeria honek zipristinduko gaitu era batera edo bestera. Behar-beharrezkoa izaten jarraitzen du mundu auzitegi inpartzial batek Russell auzitegiari segida emateko. 15. Kataluniako proçesari buruzko egia guztia (I) 2020-02-10 (Ferran Casas eta beste bost: “Tota la veritat”. Ara. 2019. Katalanez. Gomendagarria) Sisifo modernoen gisan, Puigdemont presidente zela, eta hiru alderdi independentistetako buruzagiak, eta haiekin batean katalan independentistak, han abiatu ziren 2016an Kataluniako mendirik garaiena den Pica d'Estats-eko (3.143 m) gailurrera, Espainiako Gobernuak autodeterminazio erreferendum hitzartua deitzeari emandako enegarren ezezkoa praktikan ukatu nahirik, eta, bai, Puigmal (2.910) ingurura heldu ziren 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren bitartez, baina independentziaren gailurra ez zuten jo. Espainiako lege eta botere guztiak aurka izateko boto-emaitzak itxurazkoak izan ziren: 2.286.217 boto (erroldaren %43,03); 19.719 baliogabeak; baiezkoak 2.044.038 (%90), ezezkoak 177.547 (%7,8) eta zuriak 44.913 (%1,9). Halaber, Espainiako poliziak eta guardia zibilek babesgabeko herritarren aurka erabilitako errepresioa dela medio, legitimotasun politiko eskerga lortu zuten; bestela ez zuen Espainiako erregeak egin zuen hitzaldia eginen urriaren 3an. Haatik, hainbat arrazoi tarteko, 2017ko urri erabakigarri hartan ez zuten asmatu independentistek, eta hil gogoangarri hura herritar burujabezaleen dezepzioarekin amaitu zen; bederatzi kontseilari espetxeraturik eta sei erbestera ihes eginik. Harrezkero behera egin dute gailurraren hurbiletik kanpamentu nagusira. Epopeia handi haren kronika trebeziaz eta suspensez dago kontatua. Falta dira protagonista izengabeak, falta dira beste kazetari batzuen beste bertsio batzuk (hemen sei kazetarirenak jaso dira), baina liburuan asko dago, eta oso argigarria da, batez ere jabetzeko lider independentista batzuek zer-nolako ausardia, kemena eta erabakimena izan zuten Pica d´Estats mendi tontorrera abiatu eta kasik heltzeko sisifo-lan astunean -herritar independentistek akuilaturik-. Ez zioten malda gogorrari ekin, baina, berehalakoan. Lehen CIUn, gero PdCat alderdian baziren pisu astun batzuk hirugarren bidea ireki nahi zutenak. Autodeterminazio erreferendum hitzartuaren eta Konstituziopeko hauteskunde autonomikoen arteko erdibideko pare bat plan prestatu zituzten. Bietatik bitxienean, Jordi Xuclàk Saenz de Santamaria presidenteordeari proposamen berezia egin zion: Espainiako gobernuak berak dei zezala erreferendum aholku-emaile bat soilik katalanen artean, haien bozkatze nahia asetzeko, baina Kataluniaren autogobernua hobetzeari buruz, ez, independentziaz. Aztertu badirudi baietz, baina onartu Espainiako gobernuak ez zuen onartu; presidenteordeak harropuzkeriaz esan omen zuen: hamar eta huts irabaziko zutela partida politikoa. Puigdemontek ez omen zuen horren berririk, liburuan baieztatzen denez -ez zait oso sinesgarria gertatzen-. 2016ko urte hasieran heldu zen presidentetzara, CUPek Artur Mas kenarazi ondotik. Eta haste-hastetik autodeterminazio erreferenduma egikaritu nahi izan zuen, eta hori aitzakiarik gabe eta erabakimenez aurrera eramateko prest zeudenak hautatu zituen kontseilari izateko gobernuan bere alderditik. Eta Espainiako Gobernuak legez hautetsontziak eskuratzeko eta fiskaltzak ezartzen zuen kontrol estuagatik, erabaki zuten gobernu ofizialetik landa, Estatu Nagusi erabakitzaile eta erabakigarri bat eratzea. Buru Junqueras eta Puigdemont, baina, esaterako, ERCtik Junquerasek baino itzal gehiago prozesuan Marta Rovirak izan zuen, eta gero bi alderdi independentista nagusietako ordezkariez gain, Lluis Llach bezalako independenteak ere baziren. Puigdemont eta Junqueras oso izaera ezberdineko agertzen dira liburuko orrialdeetan. Puigdemont politikari ausart konbentzionalagoa, eta Junqueras, aldiz, politikaria izateko bitxiagoa; bestelako aiurriduna; katoliko praktikantea (Bartzelonako artzapezpikuarekiko harremanetan Generalitat-aren ordezkari); kartzelara joateko aukera Sokratesen espirituarekin onartu zuen....; bien artean ez zegoen enpatia gehiegi. Saiatu ziren beste operazio garrantzizko bat ere aurrera eramaten erreferendumari begira: 2016ko udan ahalegindu ziren mossoen burutzatik Trapero (ordenaren maitale fama zuen, atxikimendu politikorik gabea, eta desobedientzia zibilen aurkakoa) kentzen, eta David Piqué ezartzen. Jordi Pujolen eskolta izana zen Piqué (18 urtetan sartu mossoetan, eta orduan 36 urte zituen zerbitzuan), eta subiranista porrokatua zen; bada, mossoen zuzendaritza eraberritzeko agindua eman zioten. Hark organigrama iraultzeko proposamena idatzi ere bai, baina Puigdemonti plan berria entregatzeko bi egun falta zirela, hil egin zen. Hasiera batean, konspirazio hotsak zabaldu ziren, baina, forentseak egiaztatu zuen garun-isuri batetik hil zela, 54 urtetan. Esan liteke 2017ko uztailetik urrira bitartean, ezkutuko Estatu Nagusiak gidaturik -ez gobernuko kontseilari eta estatu nagusiko kideen arteko tirabirarik gabe-, jende askok lan itzela eta arrakasta handikoa egin zuela, urriaren 1ean ezer falta ez zedin, Espainiako gobernua behin eta berriz esaka ari zenean ez zela egingo. Eta lortu zuten egitea, eta mundu osoko prentsaren azalak lortzea urriaren 2an. Puigdemontek botoa eman ahal izateko egin behar izan zituen trikimailuek aise zurituko lukete proçesari buruzko film bat egitearen kostua. Puigdemont eta andrearen autoa beste hiru eskolta-autok babesturik abiatu; goian helikopteroa zutela, zubi-azpi batean gelditu, sakelakoak trukatu eta poliziei nola egin zieten ihes jabetzen joatea...zirraragarria zinez; pelikula bikaina! 16. Kataluniako proçesari buruzko egia guztia (eta II) 2020-02-10 Pica d'Estats-eraino ezpada Puigmal-eraino bederen merezimendu handiz eta hein bateko arrakastaz heltzea lorturik ere, nola ekin zioten, bada, kanpamentu nagusirainoko jaitsiera gogoz kontrakoari? Puigdemontek ez zuen alde bakarreko independentzia adierazpenean sinesten: autodeterminazio erreferendum hitzartu eta loteslea nahi zuen. Europako estatu garrantzizkoenen ateak jo zituzten (Alemania giltzarri); Katalunian, Eliza katolikoarena, enpresaburuena...Espainiako gobernuarena alferrik zen jotzea; mendekuzko errepresioa areagotzeko gertu zen, errege estatuburuaren hitzaldi gogorraren ondotik. Horregatik, urriaren 25ean, Puigdemont bozetara deitzeko prest zegoen, baldin eta Rajoy presidenteak 155. artikulua ez ezartzeko bermeak ematen bazituen (Urkulluren bitartekaritza horretarako onartu zuen Puigdemontek -Miquel Iceta PSCkoarena ere bai-, nahiz eta inpartzial baino gehiago Espainiako gobernuarekin lerrokaturik sumatzen zu(t)en erreferendumzaleek)-. Arratsaldeko 5etarako deitu zuen Gobernua osorik, eta ezkutuko Estatu Nagusia. Espainiako gobernua autonomia eten, eta urriaren 1eko errepresioa baino askoz bortitzagoa ezartzeko prest zegoela eta -guardia zibilak tanke arinekin gertu omen zeuden Generalitateko Jauregia hartzeko-, parlamentua desegin eta bozetarako deia egiteko prestasuna azaldu zuen. Zazpi orduko maratoi gisako bilkuraren ondotik, goizeko ordu bietan hauteskunde deialdia sinatzekotan zen...; azkenean, paradoxikoki, hurrengo egunean, independentziaren aldarrikapenaren aurretik dimisioa aurkeztuko zuen Santi Vilak esan zion ez zela itxura goizeko ordu bietan deialdia sinatzea, eta hurrengo egunerako utzi zuen. Biharamunean, ERCk adierazi zuen Puigdemontek bozetara deitzen bazuen, alderdiko kontseilari guztiek batera dimitituko zutela; jauregiaren kanpoan zegoen herritar oldeak independentzia adierazpena nahi zuen, ez hauteskunde autonomikoak, eta Rajoyrengandik ez zuten 155.a ez aplikatzeko bermerik, ez eta dei bakar bat ere jasotzen. Orduan, Puigdemontek, asmoa aldatuz, arratsaldeko 5etan independentzia adierazpena egin zuen, baina aurrera jarraitu gabe deskonexio legeekin eta -adierazpenaren aurretik, Belgikara erbesteratzeko aukera esploratzera igorria zuen mandatari bat-. Bederatzi kontseilari espetxera, eta seik erbestera ihes, Puigdemont buru. Gironan azken jendaurreko agerraldia egin, eta ihes egitea pentsatua zuen baino lehenago abiatu ziren autoz Bruselara, polizia espainiarrak bila zebilzkiola eta. Ihesera jo edota espetxera ez zuten elkarrekin erabaki, erabaki indibiduala izan zen, baina kontseilari guztiek -jada ohiak- egun batzuk geroago bideokonferentziaz onartu zituzten bi hautabideak: espetxearena eta erbestearena, independentzia lortzeko xedean atzera ez egitekotan. Kanpamentu nagusian ditugu egun, alderdietan zatiturik, botoak eskuratzeko lehian buru-belarri. Noiz prestatuko ote dute gailurrerako bigarren espedizioa?, eta guk lehenbizikoa? 17. Iragan inperialaren eta frankismoaren herentzia militarra 2020-04-24 Ez dizuet ezer berririk esango baina nola egingo diot uko hau idazteko tentazioari. Alarma egoera dekretatua dago duela bost astetik hona Espainiako estatu osoan, eta egunero koronabirusaren bilakaeraren datuak ematen dituzten militar eta guardia zibil espainiar inperialisten mende gaude -hedabideen aurreko agerraldietan bostetik hiru medaila gehien duten armadako eta guardia zibilen buruak izan ohi dira-, eta denok soldadu espainiar zintzo-arduratsuak bilakarazi nahi gaituzte, haien agindu eta esanetara guztiz esaneko eta otzan. Baina pandemia den izurri beltzari gogor egiteko ez al da, bada, horixe behar, denok bat egitea, denok aginte bakarraren mendean, eta alderdi politikoek dakarten sesioa eta desadostasunak eta ideologia politikoak alde batera utzirik, denok bat, espainiar guztiak bat, soldadu gisa lerro-lerro, etxean konfinaturik edo leku publikoak desinfektatzen, espainiar ororen osasuna xede eta helburu? Aizu, baina, Europako gainerako estatuetara begira jarriz gero, han hedabide aurreko agerraldietan ez da militar bat bera ere ikusten, baterako bat falta! Ez baitute benetan eskertzen eta aintzat hartzen zer loriatsu den eta zein eraginkor soldaduak izatea eskura, beraien osasuna eta ongizatea bigarren mailan utzirik, aberriaren deiari zintzo erantzuteko prest daudenak, lehenik aberria, “dena aberriagatik” dioen goiburua praktikara eramateko. Trump eta AEBak dira salbuespen bakar mendebaldean, eta han ere Espainian ez bezala, militar bat Trump eta presidenteordearen ondoan, eta ez Espainian bezala, bostetik hiru. Carlos V. eta Felipe II.arekin inperio handia izan (Gaztela-Aragoi Nafarroaren inbaditzaile lehenago) eta Europan eta Amerikan gainbehera etorritako inperioaren eta frankismoaren historia eta herentziaren aztarnak ditugu, noski; egun ere errautsetatik berpizten ikusiko bagenitu bezala. Nazio bakarreko estatu federala den Alemania baten, esaterako, zenbat eskumen gehiago duten landerrek Espainia nazioanitzekoan menpeko autonomi erkidegoek baino, oraintxe ari gara inoiz baino gehiago ikusten eta ikastera heltzen. Kataluniako proçesaren ondokoa iragarpena izan zen, eta bere larritasunean ere osasun pandemia baino ez dena berrespena, jabetu gaitezen egoera ezohiko hau nola ari diren baliatzen espainiar armadaren ezinbestekotasuna eta praktikotasuna begien edo pantailaren aurrean ikusarazteko behin eta berriz, beren ustez berena den lurralde “nazionalean”, bestelako sentimendu nazionalak oinperaturik, “arriba españa”-ka, iritzi publikoa kontrolatzen duten bi alderdi politiko nagusiek halaxe sustaturik. Iragan mendeko hirurogeiko hamarkadan Francoren diktaduraren aurka idealista erresistente batzuk gerrilla taktikak ikasten hasi zirenean, nazioartean orduan indarrean ziren nazio askapen mugimenduetan inspiraturik, pentsatzera iritsi ziren armak banatuz gero, herriak hartu egingo zituela, eta frankismoa eraitsi, eta Euskadi askatzea egingarri izan zitekeela. Ideia funtsean idealista eta heroiko haiek gidari, armak hartu zituztenek espainiarren kontrakotasuna ez ezik 80ko hamarkadaren erditik aurrera egun espainiar sozialistekin batean EAE gobernatzen ari diren nazionalisten kontrakotasun erabatekoa izan zuten. Armak zituzten haiek terrorista kriminalak baino ez ziren, armak diktaduraren kontra altxatu zituzten unetik beretik hain zuzen, “ez zuen gertatu behar” -diktadurak ez zuen gertatu behar, eta jasan dugun historia inperialista guztiak ere ez!-, eta “arriba españaka” dabiltzan horiek, berriz, armez josirik ibiliagatik, errespetatu beharreko langile borondate onekoak ditugu nonbait, pandemia egoera honetan. Izabako alkate edo Gasteizkoa edo Irungoa banintz, ez dakit adorerik izanen nukeen espainiar armadako ofizialari ezetz esateko, baliabideak baditugula geure eraikinak desinfektatzeko soldaduen beharrik gabe, baina euskaldun gisa jakin bezate indarrez menperatuak bagaituzte ere, ez gaituztela kontzientzian menderatzen, eta erresistentzian jarraituko dugula eta menpekotasun horretatik ateratzeko ahalegin gehiena egiten dutenek lortuko dituztela gure botoak, eta gure sostengua. Armadunek ez diezagutela agindu; are gutxiago haiek espainiar inperialistak direnean, ez gaituztelako euskaldun gisa errespetatzen eta ezin dugulako katalanek bezala, autodeterminazio eskubidea praktikara eraman. 18. Gobernantza partekatuaren gezurra! 2020-05-11 Pandemiaren garai berezi honetan, PSErekin batean gobernatzen gaituen alderdiko buruzagiak deseroso ikusi ditugu, haserre, mindurik, Madrilen militarrek eta politikariek ezarritako aginte bakarrak eskuak eta hankak loturik, itomen politikoan jausiak, politikoki degradaturik, ia gorpu politiko, harik eta berriki estatuan boterea kudeatzen den Madrileko Kongresuan, maiatzaren 6an, garaipena eta arnasa lortu duten arte: akordioa, gobernantza partekatuaren ildoan, une honetan estatuan Unidas Podemosen laguntzarekin agintzen duen alderdiarekin. Horixe da, bada, eraginkorrak izatea, eta ez patxikontra erremedio gabeko horiek beren kexu eta burutazio eta aldarri xelebreekin egiten duten politika alferrikakoa! EAEn bigarren indarra den EHBildurekin -abertzaleak ez al dira bi indarrak? Alderdikideei zuzendutako mitinetan bai!, baina eguneroko agenda politikoan, eduki abertzaleen boikoteatzaile jarraikiak bezain finak dira jelkideak: estatus berriarekikoan, preso politikoekikoan, EITBren politika erdalzalearekikoan; interes ekonomikoak lehenetsirik beti: obra handiak, erraustegiak...-, eta beste inorekin ezer hitz egin eta negoziatu gabe, onenean ere, botoen erdia baino dezente gutxiago ordezkatu arren, euskal herritar guztion izenean: “señor presidente, señor presidenteka”...hau ez da gobernantza partekatua, kooperazioa ulertzeko modu hori ez dugu ulertzen; harik eta gobernantza partekatuaren gezurra saldu ahal izateko moduko akordioa eskuratu duten arte. Duela egun batzuk ausardia erlatiboaren garaia zen. Behin eta berriz entzuten genuen botere ttipiko bozeramaileengandik osasuna eta lana uztar zitezkeela, eta ez zegoela arrazoirik lanera joateko bidea eragozteko. Erregu patetikoak entzuten genituen: “Alemaniako estatuaren ereduari jarrai iezaiozu, arren, otoi!”; baina gorago aipaturiko maiatzaren 6ko akordio bikain horren ondotik, orain lanera eta eskolara bai, baina gainerakoan zuhurtziaren orduak jo du, horixe da Madrileko aginte handiak EAEko aginte ttipiari onartu diona, toleratu diona, eta azkenaldian kutsatu eta hildakoen kopuru okerrenak dituen Bizkaiarekin, Bilborekin, solidarioak izateko garaia da -halabeharrez, boto gehien ere hantxe du PNVk-, behiala, Madrilekin izan behar genuen bezala, kutsatu eta hildako gehien estatuaren hiriburuan zegoelako. Nazioa herri bat da bere buruaren kontzientzia politikoa duena, eta independentzia edo gutxienez autodeterminazioa eskubidea galdegiten duena, baina gure Euskal Autonomi Erkidego honetan, nazioaren beste adiera bat daukagu: nazioa izatea da kosta ahala kosta zerbait lortzea Madrilen agintean dagoen alderdiarengandik, erreguka ibiltzea aginte handiarekin eta etxean, otso, oposizioarekin, harekin ezertarako kontatu gabe, eta akolito politika horri kogobernantza deitzea eta nazio forala edo nazioa, besterik gabe, kontzeptu hori edukiz husturik edo andeaturik. Benetako tenorean, nazio bakarra den Alemania federalean lander batek dituen baino eskumen gutxiago dituela Espainiako estatuan autonomi erkidego batek bista-bistan gelditu arren, gauzak ondo bidean, zenbat aldiz entzun beharko dugun uztailean, hedabide unionista eta EITBren laguntzarekin, gobernantza partekatuaren ereduak funtzionatzen duela EAEn, eskumen dezente dugula eta gero eta gehiago izango dugula bide horretatik, eta oso garrantzizkoa dela ekonomia kaltetua bere onera ekartzeko politika horri boto-babesa ematea, zeren orain autonomi erkidego baina laster estatu baten pareko eskumenak izango ditugu PNVk PSE-PSOErekin batean marrazten duen politikari sostengua emanez gero. Laster, kasik ohartu ere egin gabe, Europan gaur egun izan litekeen bezain independenteak izango gara Euskal Autonomi Erkidegoan, nazio ttipien inbidia osasungarriaren merezidun. Laster, ehun urteren buruan! Alderdikoikeriak jota ez gaudenok badakigu hori ezinezkoa dela, eta ttipi samarrak izanik eta gure boterea mugatua, lehenik, etxean, etxekoekin beste harreman bat dela beharrezkoa, beste konfiantza bat, eta horretarako oztopo handiena une honetan PNV da. Garbi daukat nire boto-babesik ez duela jasoko, ez udan, eta ez udazkenean! 19. Foruak baieztatzen dira, Monarkiaren batasun konstituzionalaren kalterik gabe (2020-07-20) Egun indarrean dugun erregimen eta estatu-botere espainiarrek honela argudiatzen dute eta horren arabera jokatzen dute: euskal autonomi estatutua baieztatzen da (Espainiako monarkiako beste autonomi estatutuak bezala), Monarkiaren 1978ko batasun konstituzionalaren kalterik gabe. Oraindik orain, pandemiaren ondoriozko konfinamendu garaian, Espainiako presidentea hamazazpi autonomi erkidegoetako presidenteekin bideokonferentziaz mintzatzen ikusirik, zaila da zalantzan jartzea botere zentral-handia noren esku dagoen, eta botere eskuordetua nork kudeatzen duen, baina foruak XIX. mendean, galdutako gerren ondorioz, baliogabetuak gelditu arte bitartean? Frantziako Iraultzaren ondotik, XIX. mendearen lehen hiru laurdenetan, eztabaida guztiz errekurrentea izan da foruena Euskal Herrian eta Espainian. Zer ziren zorioneko foruak? Euskal herrien botere legegilearen bereizgarri eta ezaugarri, euskararekin eta hemengo antzinako ohiturekin batean, ala errege espainiarrek egindako kontzesio eta pribilegioak, behiala emanak bezala edozein momentutan ezabatuak izan zitezkeenak boterea bere esku zuenaren aldetik? Zenbat liburu idatzi diren horretaz! Joxe Azurmendik azken liburuan -Pentsamenduaren historia Euskal Herrian-, hogei orrialde eskasetan (353-370), ideia argiak eman ditu afera horretaz, eta, jakina, burua foruen garaiko tirabiretatik egungo egoera politikora hegaldatzen da natural-natural, orrialde horiek irakurri ahala. 1802an jada Bizkaiko Batzarrak foruen aurkako erasoa salatzen zuen: asko izan dira Madrilgo gortean idatzi diren paper eta libelo beltzaileak foruen aurka, eta zaila eta arriskutsua ere ba omen zen Madrilen foruak defendatzea. Fase horretan, Aranguren Sobrado, Novia de Salcedo, Zamakola, etab. saiatu ziren alferrik. Benetako arazoa zein zen? Humboldtek goiz asko igarri zuen bezala, estatu eredua zegoela jokoan: zentralizatu uniformista ala egiazki liberala? Espainiako estatu eredua antiliberala izan da haste beretik (354 or. ). 1839ko abuztuan, Maroto jeneral karlistak eta Espartero liberalak Bergarako Itun famatua lotu zuten, berriz ere foruak gordeko ziren promesarekin: foruak baieztatzen dira; baina, 2. artikuluak foruen ezinbesteko aldakuntzak ezartzen zituen Monarkiaren batasun konstituzioanala ez eragozteko, eta horiek Espainiako Gobernuaren esku gelditzen ziren, eta onenean euskal probintziak eta Nafarroa “entzunak” izango ziren, baina nola “entzunak” izango ziren ere Gobernuak erabakiko zuen, Sanchezek autonomietako lehendakariekin egindako bideofonferenzietan bezalatsu, arrakala teknologikoa gorabehera. Uste izatekoa den bezala, foruak emandako edo lagatako pribilegioak zirela defendatzeko garaian espainiar asko nabarmendu ziren, baina foruak aldezten? V. Olano, J.F. Barroeta Aldamar, R. Ortiz de Zarate, P. Egaña eta batez ere M.B. Moraza gasteiztarra gailendu ziren. V. Olanok 1840an, estatu eredu frantsesari eredu ingelesa kontrajarri zion. Iragana begirunez jaso eta ezberdintasunak onartuz gero, aise elkartzea egongo zen foruak eta batasun konstituzionala. P. Egañak zioen batasun konstituzionala ezin zela uniformetasun konstituzionalarekin nahasi, eta bere arrazoi funtsezko bat foruen alde egiteko zen euskal gizarteari egonkortasuna eman izan ziola mende luzeetan, eta nola “nacionalidad” aipatu zuen hori argudiatzean, garbi utzi beharra zeritzon, espainiarrik ez asaldatzeko: “Al hablar en la época y momento en que he hablado de nacionalidad, este senador conocerá muy bien que, siendo aquellas provincias parte de España, no había de hablar de una nacionalidad distinta de la española. Pero como dentro de esta gran nacionalidad hay una organización especial que vive dentro de ella con su vida aparte, por eso usaba la palabra nacionalidad al hablar de las provincias vascas” (362 or. ). Arrazoi osoa du Azurmendik hitz hauek idaztean: “Beti planteamolde eta kontzeptu espainoletara otzanduak, foruzaleok ez independentzia foralaren eta ez Euskal Herriaren naziotasunaren planteamendu propio bati eutsi diote garbi, liberalismo zentralistari postura irmo batetik buru egiteko” (363 or. ). Gorago esan bezala, foruzale handiena segur aski Mateo Benigno Moraza (1817-1878) izan da. Saiatu zen Moraza azaltzen foruak, legean eta praktikan, askatasunaren babesle eta demokratikoak zirela, esaterako, tortura gaitzesten zutenez gero, Espainian arrunta zen garaietan. Eta ez zirela pribilegioak, baizik eta itun bidezkoak; baina hark ere diputatu batek baieztaturik irmo euskaldunek sekula ez dutela ezer egin Espainiaren alde, zertarako egin behar zuten espainiaren alde erantzun beharrean, non adierazi zuen Euskal Herria nabarmenki monarkikoa eta nabarmenki espainola zela eta “el gran españolismo de mis paisanos” goretsi zuen. Espainolismorik sutsuena eta independentismo foral kartsuena ez zituzten elkarrekin muturka sentitzen. Espainolek bai, ordea. Eta kontzertu ekonomikoa foruen hondar bat zen. XIX. mendetik egunotara etorrita, Urkulluk burujabetza partekatua laudatzen duenean, Espainiako 78ko Konstituzioa espainolek bezain ondo edo hobeki betetzea ulertzen dugu euskaldunok, horren froga argiak ikusiak baikara azken urteotan, eta aldi berean, espainolen aldetik komenientzia, interes edp premia politikoa, eskumenen bat “onartzean” edo “lagapena egitean”, eta aldi berean kulturalki eta linguistikoki gero eta asimilatuagoak, gero eta espainolagoak gaude denok ere, pentsamenduan eta praktikan, delako nazio foraletik ezin askaturik. Badugu garaia euskaldun gisa desagertu baino lehen politikoki eta kultural-linguistikoki benetan burujabetzarako bideari ekiteko, badugunez! 20. Carles Puigdemont: M´explico (2020-07-30) Esango nuke Espainiako botere faktikoen arantza mingarrienetako bat Puigdemontek jarraitzen duela izaten. Zenbat egun eta une larri iraganarazi zizkien Rajoy, Saenz de Santamaria, Felipe VI.a eta enparauei, 2017ko irailetik urrira bereziki, alde bakarreko independentzia deklarazioa egingo zuela bai baitzirudien (deklarazio-itxura ere egin zuen, berehala eteteko! ), hots, Espainiaren batasun sakrosantua ia-ia haustera heldu zenez gero. Urte mordo baterako espetxean kaiolatua nahi zutena Bruselan dabil, Europar Batasunaren hiriburu politiko-administratiboan, sinbolikoki Espainiari aditzera emanez ez dela demokrata, hautetsontzien bidez, bide demokratiko baketsuen bitartez Kataluniaren independentzia lortu nahi izan duena hango Justiziak aratz aurkitzen baitu, Espainiakoak ez bezala. Hedabide espainolak bereziki, bere figura belzten saiatzen direnez, idatziz defendatzen da -iaz eman nizuen hark idatzitako liburutxo labur baten berri (Reflexions sobre el retorn a la unitat. Ikus: “Puigdemont: batu gaitezen berriz!” 2019-08-27)-, edota bilatzen ditu kazetariak prest daudenak hark egindako adierazpenak paperera eramateko, Xevi Xirgo kazetariak egin duen bezala M´explico (Plaza&Janes, 2020) liburuarekin (2016-2017ko gorabeherak biltzen ditu, eta laster 2018-2019koak ateratzekoa da). Labur jokatu beharrean naizenez, izan zituen oztopoetan, eta Urkulluk-Ortuzarrek jokatutako bitartekari paperean zentratuko naiz. 2015eko irailaren 27ko hauteskunde autonomikoetara mezu independentista argiarekin joan ziren Kataluniako independentistak eta gehiengo garbia lortu zuten eserlekuetan: 135 eserlekuetatik Junts pel Sík (CDC, ERC, ANC, Omnium Cultural, AMI...) 62, CUPek 10; eta unionistek 63 (Podemosek 11 eta gainerakoek 52); eta botoetan, %48 kasik. Zerrendaburu Artur Mas joan zenez, hari zegokion Kataluniako herria estatu independente izateko bidean gidatzea, baina horretarako CUPen botoak behar zituztenez, eta haiek Masi betoa jarri ziotenez, Masek Puigdemonti proposatu zion lidergoa 2016ko urtarrilaren 9an, eta Puigdemontek onartu. Masek ondo zekien nor zen Puigdemont: AMIren (Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartea) burua, hots, independentista deklaratua eta kartsua, eta bere helburua ez zela karrera politikoa egitea, baizik eta Kataluniarentzat independentzia lortzea, eta liburua irakurrita, ikusten da Masek asmatu zuela Puigdemonti proposamena egitean. Non egon dira oztopo nagusiak? Lehenik, dudarik gabe, Espainiako Gobernuan. 2017ko martxoaren 11n bilera sekretua izan zuten Rajoyk eta Puigdemontek Moncloan, Rajoyk gonbidaturik. Zer entzuteko Rajoyrengandik, espainiar botereen ordezkariarengandik? Itzulinguru aski luzeen ondotik, esan zion erreferendumari buruz ez zirela mintzatuko, eta eragotzi egingo zutela. Aurrez aurre esan nahi ziola. Ez zituztela probokatuko, harroputz ez zirela arituko, baina erreferenduma galaraziko zutela. Ordurako bazekiten Puigdemont-eta serio zebiltzala, eta suntsitu nahi zuten prozesua errotik, errenditzea baino beste hautabiderik eman gabe: subjektu politiko bakar Espainia! Pedro Sanchezek zer zioen? Konstituzioa erreformatu beharra zegoela, zeren espainiar guztiek eman behar zuten botoa. Betikoa! Puigdemontek esan zion onartzen zuela espainiar guztiek botoa ematea, baldin eta Kataluniako boto-emaileena lotesle bazen! Eta gainera, ez zutela astirik. Puigdemontek Sanchez iruzurti profesionaltzat jo izan du hedabideetan, ez liburu honetan, besteak beste, azkenean Felipe VI.aren diskurtso militar gogorraren alde jartzeagatik. Eta Felipe VI.a erregea? Hasieran faltsu, errespetuz itxura baten, eta arazo politikoaz benetan mintzo gabe, harik eta 2017ko urriaren 3an, armadako buru gisa, bere jantzi militarrarekin, urriaren 1ean izandako karga polizialak txarretsi gabe, 155. artikuluaren aplikazioari bidea ireki zion arte, Espainiaren batasuna haustezin bihurtzea xede izaki, Kataluniarekiko elkarrizketa politikoari bidea militar moduan itxiz. Bidelagun izan zituenetara etorriz, teorian oztopo ez baizik eta laguntzaile izan behar zituenetara, nola portatu zen presidenteorde Oriol Junqueras? Maiz, desleial, esaterako, Puigdemontek aurkeztutako aurrekontuei ezezkoa ematearen aldeko ziren CUPeko buruei aurrekontu luzatuekin ere gobernuak aurrera egin zezakeela aipatu zienean, edo Pedro Sanchez eta Saenz de Santamariarekin Puigdemonti ezer adierazi gabe elkartzen zenean. Liburuaren arabera, zintzo eta leial baino isilkor eta errezelotsu. Jakina, Junquerasen bertsioa falta da. Bere alderdi PDeCATeko koordinatzaile Marta Pascalek ez zion asko lagundu nonbait, zama Puigdemonten gainera jaurtikitzen baitzuen, bere alderdia Puigdemontekin lerrokatzen saiatu ordez. Ibarretxe etorri zait burura (pena Ibarretxek kazetaririk ez izatea bere penak kontatzeko, edo gogorik berak zuzenean idazteko bere memoria politikoak). Kataluniako Gobernuko kontseilariek gobernu bileretan aipatutakoak prentsari filtratzen zizkioten sarri-askotan 2017ko apiriletik aurrera, eta neurri gogorrak hartu beharrean gertatu zen presidentea, ebazpenak berak eta presidenteordeak sinatuko zituztela agintzeaz gainera, Espainiako gobernuaren errepresalien beldur baitziren kontseilari batzuk eta handik beheragoko funtzionarioak eta. Filtrazioen errudun Santi Vila jotzen zuten gainerako kontseilariek, huraxe baitzen independentista garbia ez zen bakarra kontseilarien artean, baina Puigdemontek laguna zuen lehendik eta leialtzat zeukan, eta uzten zion egiten. Desadostasun eta presio eta Madrileko Gobernuaren errepresio judizialagatik eta, bakarrik uzten zuten presidentea, ERCeko kontseilariek ez ezik bere alderdikoek edo bere konfiantzazkoek. Eta Urkulluk eta Ortuzarrek zer paper jokatu zuten? Urkulluk oraindik orain adierazi du dokumentazio osoa non utzi duen, jokatutako paperaz harro dagoen seinale. Iruzkintzen ari naizen liburu honetan ere haren idatzi asko dago jasoa. Asko ahalegindu zen dudarik gabe. Oso kontuan hartzen zuen Puigdemontek haren esana, baina une erabakigarrietan, Urkulluk ezin zion lagundu Rajoyk eta Espainiako botereek bitartekari guztien ahaleginak zapuztu eta inposizio bortitzez jokatzea erabaki baitzuten, 155. artikulua aplikatuz, eta katalanei subjektu politiko izaera ukatuz. Rajoyk Urkulluri eta Ortuzarri bitartekaritza onartu zien bazekielako independentziari uko egitea eta hauteskunde autonomikoetara deitzea galdegingo ziotela Puigdemonti, hots, errenditzeko momentuz, eta katalan erakunde autonomikoak atxikitzeko. Guardia zibilak atxilotzeko zelatan zebilzkiola, katalanen presidenteak autoan ihes egin zuen Bruselara. Erbestean eratu nahi zuen Kataluniako gobernu legitimoa. Europak ez zion asko lagundu prozesaren buruan: Flandriako presidenteak, ALEk (Europako Aliantza Askea) eta beste salbuespen gutxi batzuk gorabehera. ERCk beste bide bat hartu zuen. 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren ondoko porrota gainditu gabe dago oraindik Katalunian, ANCko egungo buru Elisenda Paluziek berriki aditzera eman duen bezala (Berria, 2020-07-28), baina katalanak ez daude erakunde autonomikoen kudeaketarekin etsitzeko prest ere, pandemia gorabehera. 21. Quim Torra eta EAEko lehendakariak (2020-08-11) Dakikezuen bezala, 2018ko maiatza ezkeroztik Quim Torra da Kataluniako Generalitateko presidentea. Banekien editorea eta katalanez zerbait argitaratutakoa zela, eta neure artean esan nuen: zer idatzi ote du egun katalanen presidentea denak? Azken egunotan haren bi liburu irakurririk eta haren biografia gaingiroki ikasirik, miresmena sentitu dut, eta kontrastez edo EAEko lehendakarien soslai kulturalaren galdera sortu zait gogoan; gurutzaketa horren emaitza duzue idatzi hau. Gironako Blanesen jaioa, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan zuzenbidean lizentziatua; 1987tik 2007ra Winthertur aseguru etxeko goi kargua izan zen. Laneko azken hamabost hilabeteak Zurichen egin zituen, enpresaren egoitza nagusian, eta Winthertur AXA enpresa frantsesak erostean, kaleratu egin zuten. Viatge involuntari a la Catalunya impossible liburuaren hitzaurrean (Carles Rahola saiakera saria eman zioten 2009an), kontatzen du Torrak zori onak eraman zuela 2006an Zurichera, eta 2007ko martxoan Maria Antonietari behiala egin zioten bezalatsu, sentitu zuela AXAko borreroek lepoa moztu ziotela. Kaleratze hori probestu zuen Suitzako hiriak ezagutzeko, eta inoiz baino sakonago sartu zitzaion buruan suitzar nazioa edo nazioen konfederazioa sortua zela hain justu ezezkotasunetik, aleman, frantses edo savoiar (italiar) izateari ezetz esatetik, eta batez ere askatasuna maite izatetik. Garbi sumatzen da gogoeta horien atzealdean Kataluniaren kezka zebilkiola bere baitan. Suitzatik Bartzelonara itzuli aurretik, Geneva bisitatu zuen, eta han Nazioen jauregiaren egoitzaren aurrean, obsesio zahar bat berpiztu zitzaion. Iragan mendeko 90eko hamarkadan Periodism artikulu bilduma irakurri zuenetik gau-mahaiko autore bilakatua zitzaion Eugeni Xammar kazetari katalana, eta batez ere haren liburu: Seixanta anys d´anar pel món (Hirurogei urte munduan ibilki). Haren prosak erakarmen saihetsezina eragiten zion. Eta prosak ez ezik, haren katalanismoak: hirurogei urtez atzerrian ibiliagatik, Katalunia beti gogoan izan zuen, eta katalana bere hizkuntza nagusia, nahiz zazpi hizkuntza ahoz eta idatziz bost menderatzen omen zituen. Jakinik Eugeni Xammar Genevako Nazioen jauregiko egoitzan lana egina zela, haren gaineko espedientearen bila hasi zen, eta bai aurkitu ere liburutegiko hirugarren solairuan, artxiboen aretoan. Hari buruz aurrez hasia zuen lana amaituko zuen Suitzan. Iaz berrargitaratu dioten Honorables. Cartes a la Pàtria perduda liburuan, Eugeni Xammarri atal bat eskaintzen dio, eta prosa literarioa erabiliz hark sorrarazitako obsesioa tolesten eta garatzen du. Dagokigunerako, atal horri darion emozio pertsonala ezinbestean ezabaturik, esan liteke Xammarrek kazetari katalan-katalanista andana baten mundua ireki ziola, betiko lau izen literario ezagun-ezagunez landa, katalanaren normalizaziorako giltzarri izan ziren idazle belaunaldi ezinezko (ezinezko Francoren matxinadak Katalunia katalana ezinezko bihurtu zuelako) bikain baten leihoa: Just Cabot, Domènec de Bellmunt, Josep Maria Planes, Ángel Ferran, Rossend Llates, Joaquim Ventalló, Fermí Vergés, Doménec Guansé, Paco Madrid, Josep Maria Francès, Manuel Valldeperes, Carles Sindreu, Carles Sentís. 1931n idatzitako gutun batean, Xammarrek laburbildurik hauxe esan zuen: “nire lehen artikulua ezkeroztik lagundu dut Kataluniaren nazio duintasunaren sentimendua berreskuratzen, zeren betiko katalanista naiz, eta betiko errepublikarra. Lehenik, katalanista, eta gero errepublikarra. Ez erregionalista, ez nazionalista, ez zentrista, ez kolektibista, ez sozialista, ez erradikal, ez komunista, ez kapela gogorreko somatenista (falangisten aurrekoak), ez ezkertiarra, ez eskuindarra, ez Terrassako anarkista, eta -beste ezer baino gutxiago-, monarkikoa, hau da, Espainiako erregearen menpekoa (...) Gauza guztien gainetik Kataluniaren askatasuna nahi ez duena, ez da katalanista. Badela badio, hark usurpazio delitua egiten du.” Hitz horiexek kutsatu dute zeharo Quim Torraren bizitza, eta Wintherturreko goi kargu izatetik kultura katalana, 36ko gerrak erbestera jaurtitako -beste 200.000 katalanekin batean; ezin dugu inoiz ahaztu. Euskal Herritik atera beharrean izan ziren 150.000 lagun ahaztu ezin ditugun bezala- kazetari eta idazle katalanak ikertzen eta ezagutarazten enplegatu da, erakundeek eta ez baitzuten egiten, eta kulturatik politikara etorriz, Puigdemontek Masek presidente izateko egindako gonbitari baiezkoa eman zion bezala, Torrak ere hala eman zion Puigdemonti, eta egun enpresatik kulturara eta kulturatik politikara iragandako gizon hau Kataluniako 131. presidentea da. Eta Urkullu, Lopez, Ibarretxe, Ardantza, Garaikoetxea, Rubial, Leizaola eta Jose Antonio Agirre? Rubial eta Lopez erdaldunak; Garaikoetxea eta Ibarretxe euskaldun berriak, nik uste, euskaraz lehendakari bati dagokion bezala idazteko gauza ez direnak, eta Ardantza ere hortxe nonbait, euskaldun erdaraz alfabetatua. Leizaolak, berriz, idatzi zuen euskaraz, baina gaztelaniaz edo frantsesez idatzitakoaren aldean oso gutxi. Agirrek ere gaztelaniaz -itzuli egiten zioten-; eta Urkulluk? Irudikatzen duzue Urkullu bere testu politikoak euskaraz idazten, Torrak katalanez idazten dituen bezala? Nik uste erdaraz idatziko dituela, eta itzuli egingo dizkiotela. Euskarazko kulturaren erreferente izatetik behintzat urrun dago. Gurean, lanbide-aldaketak enpresatik politikara, eta politikatik enpresara izan ohi dira eskuarki (Imaz adibide ona da), eta ez Joaquim Torra i Pla presidentea bezala, enpresatik kulturara eta kulturatik politikara. Katalan presidente guztiak ere ez dira Torra bezalakoak izan -Maragall, Montilla...-, katalan editore eta idazle, baina aitortu beharko dugu katalanen aldean nano kulturalak garela, goitik hasita, geure hizkuntzan bereziki (orain arte izandako lehendakari guztiek joko dute gaztelania beren hizkuntzatzat; zalantzan dagoen bakarra euskararena da; birentzat behintzat ez da beren hizkuntza (izan)). Horrek ez gaitu adoregabetu behar; aitzitik, politika eta kultura eta gure hizkuntzaren arteko loturak aintzatago hartzera eta gehiago balioztatzera eraman behar gintuzke, premia alimalekoa bai baitugu euskara eta politika lotzeko, ez alderdi politika, baizik eta politika eta kultura euskalduna. Ados? 22. Espainiaren harresia zulatzeko ideiak. 2020-09-01 Aurtengo otsailean eman du argitara Artur Masek katalanez -azpimarratzen dut hizkuntzarena, gurean, politikari abertzale izenekoek gaztelaniaz idazten dutelako idazten dutena, eta hizkuntzaren hautuak, nire iritzian, garrantzi handia duelako nazio kulturala eraikitzeko- idatzitako Cap fred, cor calent deritzan liburua. Oraindaino bestek idatzi dute berataz, eta oraingoan proçesaren bere bertsioa eman nahi izan du lehen pertsonan, eta azken atalean aipatzen ditu nola hauts litekeen, bere iritzian, Espainiako botereek eraikia duten harresia katalanei euren etorkizun politikoari buruzko erabakia hartzeko eskubidea ukatzeko. Ekarpen hori jasotzen dut idatzi honetan. Zuzeuko irakurleak jakingo duenez, 2016ko urte hasieran, CUPek betoa paratu zion 2010 ezkeroztik Generalitateko presidente zen Masi, haientzat eskuindarra delako, eta pujolismoarekin dituen loturengatik-eta, eta Masek onartu zuen presidentetzatik alboratzea aginte-makila Puigdemonti igaroz. Beto horregatik haserreturik, probestu zezakeen politikari adio esan eta erretiratzeko, baina proçesean jarraitu du eta bere ekarpena egin du. Harresia zulatzeko ideiak azaldu aurretik dio Euskal Herriarekin ere berdintsu gertatzen bada ere, edo gerta bazitekeen ere, egun Katalunia dela Espainiaren naziobakartasuna finkatzeko oztoporik handiena, eta arrazoi du, noski! Kataluniako aberritik hasita, Kataluniako bi sentsibilitate eta alderdi independentista nagusiak boto autonomikoak lortzeko lehia bizian ibiltzea da autonomia gero eta kaskarragoa izateko bidea jorratzea; beraz, edo bozetara batera joan behar da, lehenago Junts pel Sírekin bezala, edota bereiz joanda, gobernu-alternantzia da beharrezko, lau urtez alderdi independentista bata gobernatzen eta hurrengo lau urtez bestea, zortzi urteko ziklo batean. Presakaegi ezin dira gauzak egin! Horrekin batean, Generalitatea eta instituzio autonomikoak, eta independentziarako borroka bereizi beharra aipatzen du. Atzeak erakusten duenez, aurrea nola dantzatu, instituzio autonomikoek marko juridiko espainolari izkin ezin egin diotenez, bi jarduerak bereiztea proposatzen du. ANC, Omnium eta gainerako eragile independentistek bere bide bereizia egitea Estatuak instituzioak blokea ez ditzan. Eta Estatuaren bitartez nazio bakarra ezarri nahi duen Madrilgo gorteetan zentratzen den borroka politikoari dagokionez? Lehenik, bi alderdi independentista nagusiek batera jokatu behar dute. Eta bigarrenik, nola Madrilek, errepresio politiko-judizial-polizial bortitza gorabehera, ezin duen lortu Kataluniako parlamentuan independentistak nagusi izatea, eta nola Kataluniako gizartean ere independentziak ez duen lortzen aski atxikimendu alde bakarrez independentzia aldarrikatzeko eta praktikara eramateko Estatuaren eta Europako estatuen aldekotasunik gabe, beste bide bat jorratu beharra dagoela dio. Zein bide? Alde bietako bakoitzak amore eman beharko du gauza batzuetan. Zertan?, nola? Masen formula politiko konplexu samarra hauxe da: Estatuak onartzen du Kataluniako etorkizunari buruz erabakia hartzeko eskumena herritar katalanena dela. Halaber, adosten dira erreferendum edo kontsulta baten terminoak bi proposamen aldi berean bozkatzeko aukera ematen dutenak: autogobernua hobetzeko proposamena Estatuaren aldetik, eta independentziaren proposamena subiranotasun katalanaren aldetik. Baldin eta hitzartutako terminoetan independentziaren hautuak irabaziko balu, emaitzari balio politikoa emango litzaioke, baina ez juridikoa. Estatuak, orduan, konpromisoa hartuko luke delako emaitza independentziaren aldeko hori legez eta modu hitzartuan gauzatzea ahalbidetuko luketen lege eta arau aldaketak egiteko. Baldin eta hitzartutako terminoetan autogobernuaren hobekuntza aterako balitz gailen, emaitzari balio juridikoa emango litzaioke eta berehala sartuko litzateke indarrean. Laburbildurik: erreferendum hitzartua adostuko litzateke bi galdera lituzkeena, eta halaber erantzunak gauzatzeko bi era ezberdin izango lituzkeena. Demokratikoa izango litzateke zeren azken erabakia herritar katalanek hartuko lukete, eta aldi berean, legezkoa izango litzateke ez bailitzateke alde bakarreko erabakirik egongo. Segur aski Zuzeuko irakurle gehienoi, neuri bezala, eszeptikotasuna nagusituko zaizue Masen proposamen horren aurrean, eszeptikotasuna bereziki Espainiako botere faktikoek bi galderako erreferendum bat onartu ote dezaketenari begira, eta Artur Mas bera ere, gu bezala, alde horretatik eszeptikoa da. Baina beste bi aukerak zein dira? Bata, Espainiako botereek autonomia katalana are gehiago murriztea, delako 155. artikulu hori are murriztaileagoa eginez, edota, bestea, independentziari alde bakarretik ekitea soberanistek, horrek berekin lekarkeelarik estatuaren aldetik etorriko litzatekeen mota guztietako bortxakeria eta joko zikinari aurre egiteko prest egotea. Irtenbide zailak, batez ere, bigarrena, aurrera eman baino lehen, kostuak ondo aztertzea galdegiten duena. Romain Garyren oroimenezko plakan jarria dagoena gogoratuz amaitzen du liburua: “Beti jakin beharrak ditugu egingarri denaren mugak zein diren. Ez geldirik geratzeko, baizik eta baldintzarik onenetan ezinezkoa lortzen ahalegintze aldera”. Hirugarren partea Hitzaurrea Hirugarren partean, kulturari eskainitakoan, askotarikoak daude. Kultura ez dago politikatik aske, biek elkar baldintzatzen dute. Nolatan dago Donostiako plazarik enblematikoenean espainiar harrotasunaren ikur nagusietakoa den Cervantes plaza eta On Kixote eta Santxo Panzaren estatua. Madrilen 1929an jarri zuten eskulturaren erreplika da. On Kixote Espainiaren sinbolo nazional-esentzialista. Espainia Gaztela, eta Gaztela On Kixote. Cervantesi Donostian Jon Etxaide eta Txillardegiri baino leku mila aldiz hobea eskaintzea ez da kezkagarria?, adierazten duen mendekotasuna ez da garrantzizkoa? Gure burujabetza kultural-linguistikorik eza ere ez? Kontrapuntu hein batean eta osagarri ere bai, Eduardo Txillidaren Haizearen Orrazia deritzan eskulturari buruzkoa da. Euskotar eskultore unibertsalaren eskultura arras bisitatua eta maitatua da bai bertakoek eta bai kanpotarrek. Frankismo garaian zein estimatua zen nazioartean Txillida eta zein estimazio gutxi zitzaion bere herrian! Denbora asko da baliabide gehienak ETB2ra bideratzen direla eta askoz gutxiago ETB1era. Ez al dago, bada, nahiko telebista-kate gazteleraz Espainian, euskaldunok ere beste bat oparitzeko EAEn? Autonomi erkidego bat eta foru erkidego bat baino ez ditugu, ordea, Espainiako estatuan, eta ikurrinak sinbolizatzen duen euskotartasunari ere haizea eman behar zaio nonbait, nahiz eta euskotartasun horrek axala bakarrik izan euskaltasunetik eta muina espainiarra! ETB1 ehuneko 2k bakarrik ikusten dugu, eta eraberritze premia larria du baina arrazoi politikoak tarteko ez da horrelakorik aurrera eraman nahi. Ildo horretan, ETB2n arrakasta duten bi programen kritika dagit: “El conquis” arrakastatsuarena eta “Vascos por el mundo”-rena Euskalonski programarekin alderaturik. Eta irakaskuntza eta testuliburuak. Zer ikuspegi zabaltzen dute?, zein erreferentzia transmititzen dituzte EAEko testuliburuek? Ikuspegi espainola, hala dio Joan Mari Torrealdaik, eta hala zioen lehenago Imanol Murua kazetariak: “Euskal Herria bere osoan aintzat hartzen ez duten hezkuntz proiektuek arazorik gabe jasotzen dute Eusko Jaurlaritzaren onespena, Dekretuak ezartzen dituen oinarriak bete egiten baitituzte. Posible zen bestela jokatzea. Posible zen Curriculum Garapenerako Dekretua edukiz betetzea, eta euskal testugintzan ari diren Estatuko argitaletxeak Euskal Herriaren errealitatea aintzat hartzera behartzea. Baina ez zen egin. Katalanek edukiez bete dute historia eta bere naziotasunaren esparrua. Aukera galdu dugu guk, berriz diogu.” Euskal kulturan erreferente handienetarik den Joxe Azurmendiri dagokionez, haren lanari etekina atera nahian, hark euskal historiaz Espainolak eta euskaldunak liburuan egindako irakurketa kritikoa jasotzen dut laburkiro; espainolena Espainiaren arimaz liburuan oin harturik, intelektual espainiarren esentzialismoa aberriaz hausnartzean, eta etorkizunari begira Hizkuntza, nazioa, estatua liburuan agertutako ikuspegia, burujabetza eta askatasun beharraren aldarriarekin bururaturik. Halaber, zegamar idazlearen azken liburu Pentsamenduaren Historia Euskal Herrian liburuan, espainiar liberalismoaz adierazitakoak laburbiltzen eta iruzkintzen ditut. Kultura erlijiosoari keinu bat da “Azken adioaz gogoetan”, hileta erlijioso eta zibilaz dihardudala. Eta “Done Jakue mairu-hiltzailea eta Jesu Kristo gurutziltzatua!” ezpataren eta aldarearen uztarketa espainiarraren salaketa, eta Roger Etxegarai kardinalari buruzkoak Eliza katolikoaren diplomaziaren hutsuneak eta konplizitateak salatzen ditu. Feminismoaren aurka zenbait gizonen artean dagoen aurkakotasunaren salaketa da: “Feminismoaren aurkako gizon-liga?”, eta Simone de Beauvoirren Bigarren sexuaz deritzan obra eskerga eta argigarriari buruzkoa, berriz, mirespenezko agergarri bat. Eta euskal telebista publikoan arrakasta duten bi programei buruzko idatziak (“El conquis” eta “Euskalonski-Vascos por el mundo”. Euskaldunok jasaten dugun kolonialismo kulturalarekin bururatzen da atal hau. 1. Cervantes eta On Kixote Donostian! 2019-05-14 Bozen arteko bitarte honetan, politikariek belarriak promesez betetzen dizkiguten egunotan, are premiazkoagoa eta gomendagarriagoa da paseoaldi ederrak ematea, eta Donostian turista, edo besterik gabe paseolarien artean, leku enblematikoenak ditugu egun Alderdi Ederreko Cervantes plaza, eta bertan dago On Kixote eta Santxo Panzaren brontzezko monumentua; eta, itsas gaineko paseoaren mutur batean, Igeldoren magalean diren Luis Peña Gantxegi plaza eta Haizeen Orrazia. Beste monumentuak beste, hiriaren sinbolo eta enblema bilakatuak dira beste guztien gainetik. Cervantesek eta On Kixotek Donostiako hiriaren espainoltasuna agertzen digute brastakoan, eta Haizeen Orraziak Txillida euskal eskultore europarraren unibertsaltasuna esan dezagun. Honako honetan sinbolo espainolari erreparatuko diot. Egia da maiz hor ibiltzen garenok monumentua ikusi ere ez dugula egiten, baina, esaterako, Madriletik datorrenarentzat, edo europar askotxorentzat ere, ez da oharkabean pasatzeko modukoa. Brontzezko monumentu hori Madrileko Plaza de Españan dagoenaren senidea da, L. Coullaut Varela eskultore sevillarrak lehiaketa nazionalerako egina (1915). Madrilen 1929an paratu zuten, eta Donostian 1973an, udalbatza frankistak, sinbolikoki Madril eta Donostia bikainki lotuz, eta han jarraitzen du 1978ko erregimenarekin ere. Entzuten ari naiz: baina gaur egunean Kixote eta Cervantes figura espainolak ez ezik unibertsalak dira, Shakespeare, Goethe edo Victor Hugo bezala, eta horiek auzitan jartzea kaikukeria edo ezjakinkeria! Itxaron poxi bat! Oso ondo azaldu zigun Joxe Azurmendik Espainiaren arimaz-en (2006) Cervantesen obra famatuenak nolako interpretazioak eragin dituen Espainiaren historiaren bidegurutze garrantzizkoetan, eta horietako bat 1898ko deskalabruaren ondotik, azken koloniak galtzean (Kuba, Filipinak eta Puerto Rico). Eta hor, besteak beste, Unamuno bilbotarra eta Ortega y Gasset madrildarra gailendu ziren. Unamunoren Vida de don Quijote y Sancho (1905) espainolismoaren gogo-jardunak dira. Espainia, inperioaren itsasoaz haraindiko azken koloniak galtzean -penintsula barnekoak atxikitzen ditu oraino-, espainiar intelektualentzat arima bat zen agonian zegoena, hots, hil edo biziko borrokan ari zen; kristautasuna XX. mendearen hasieran eraso liberalaren aurrean ari zen bezalatsu, zeren Unamunorentzat arima espainolaren esentzia kristautasuna zen. Erdi Aroaren nostalgia sentitzen zuen eta gorroto zituen arrazoiaren defendatzaileak. Ez zitzaion batere axola Cervantesek zer adierazi nahi izan zuen XVII. mendearen hasieran nobelarekin; harentzat On Kixote Jesukristo zen, Santxo San Pedro, eta nobela osoa ebanjelioa, Espainiaren salbamenerako mezu edo filosofiarekin: “¿Hay una filosofía española? Sí, la de Don Quijote (...) ¿Hay una filosofía española, mi Don Quijote? Sí, la tuya, la filosofía de Dulcinea, la de no morir, la de creer, la de creer la verdad. Y esta filosofía no se aprende en cátedras, ni se expone por lógica inductiva ni deductiva, ni surge de silogismos, ni de laboratorios, sino surge del corazón”. On Kixote Espainiaren sinbolo nazional-esentzialista. Espainia Gaztela, eta Gaztela On Kixote. Ideia horiengatik izan zuen Unamunok jarrera anbiguoa Francoren altxamenduarekikoan: “Apenas iniciado el movimiento popular salvador que acaudilla el general Franco me adherí a él diciendo que lo que hay que salvar en España es la civilización occidental cristiana y con ella la independencia nacional”. Hil aurretitxoan, Millan Astray jeneralari aurre egin zion. Ortega y Gasset-i Unamunoren Kixoteren interpretazioa burugabekeria alimalekoa iruditzen zitzaion; fedea ez, zientzia behar zuen Espainiak; Erdi Aroko fede itsua ez baizik eta Europaren iparraldetik zetorren zientzia. Ortega Unamunoren antitesia zen puntu gehienetan baina batean ez, bere Meditaciones del Quijote (1914) liburuan, Espainiaren arimaren esentzia eta salbazioa bilatzen zituen, eta Hori Europa zen, eta Europa zientzia zen eta ez fedea. Eta hori Don Quijote eta Sancho Panza nobelan ez baizik eta Cervantesen estiloan aurkitzen zuen Ortegak. Aipatu ditugun bi saiakerak eta Donostiako eskultura garai bertsukoak dira, eta espirituz ere bai. Cervantes eta On Kixote Espainiaren arima, esentzia, betetasuna, gogoeta-iturri amaiezina dira, eta Espainiaren harrotasun eta harrokeriaren ikur, sinbolo eta enblema. Eta monumentu bat izatea non eta Donostian, non eta Alderdi Ederren, urtero hainbat euskaldun eta hainbat europar eta mundutar ibiltzen den lekuan, Espainari egindako gorazarre monumentala da. Donostiak izan ditu euskal idazleak XX. mendean. Hor dugu Agustin Anabitarte bat. Hor Jon Etxaide bat ere, besteak beste, Joanak joan eta Gorroto lege eleberriak idatzi zituena. Frankismoko garairik bortitzenetan egin zuen bere euskarazko obra meritu handikoa, baina ez zen euskaldun unibertsala, eta ez du kalerik ere berari eskainitakorik. Izan dugu beste idazle donostiar handiago bat, antigutarra, zazpi nobela eta ehundaka artikulu urregorrizko idatzi zituena, baina frankismo betean Francori baketsuki eskariak egin beharrean, ez zuen, ba, sortu zuen erakundea sortu, beste halako moduko dozena erdi bat lagunekin, eta, gainera, Espainiari egindako bekatu larri hori inoiz aitortu ez; gustura askorik egon liteke Antiguako Gaskuina plazan buru erdiko monumentu bat izatearekin; zer da udal liburutegiari haren izena jartzeko eskari burugabe hori, lehen esan bezala, Espainiari egindako laido larriaz inoiz damutu ez bazen. Cervantesi Donostian Anabitarte, Etxaide eta Txillardegiri baino leku miletan hobea eskaintzea ez da kezkatzekoa; adierazten duen mendekotasuna ez da garrantzizkoa. Gure burujabetza kultural-linguistikorik eza ere ez. Boto abertzalearen olatua gainean omen dugu, eta horrek salbatuko gaitu politikoki eta kulturalki! 2. Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian 2019-05-21 Honen aurrekoan, Alderdi Ederreko On Kixote eta Santxo Panzaren eskulturaz aritu nintzen, nola hark brastakoan Madrilekin eta Espainiaren arima esentzialarekin lotzen gintuen, eta oraingoan, berriz, Donostiaren beste ikono batetaz arituko natzaizue: Eduardo Txillidaz, eta haren Haizearen Orraziaz. Ezer kendu gabe Oteizaren Eraikuntza hutsari edota Basterretxearen Bakearen usoa-ri, Haizearen Orrazia besterik da. Donostia eta Gipuzkoa euskaldunarekin lotzen ote gaitu Txillidak?, euskaltasun unibertsalarekin?, euskalduna izanik aldi berean unibertsala, gizadi osoaren ondare ote dugu? Zalantzan ibili nintzen honen aurrekoan, eusko edo euskal eskultore unibertsal gisa aurkeztu behar nizuen, eta azkenean, “euskal” jarri nuen. Jende gehienarentzat zalantza hutsala, baina artikulu hau irakurtzera abiatzen denarentzat, beharbada, izan dezake axolarik, eta helduko diot. 1975ean, artean Iparraldean egotera behartua zen Martin Ugaldek elkarrizketa luze bat egin zion Donibane Lohizunen, Txillida Donostiatik hara joanda, Ugaldek debekatua baitzuen Espainiako estatuan hanka jartzea, politikoki arriskutsua zelako, nor eta Martin Ugalde! Elkarrizketa horrek liburu itxura hartu zuen, eta Txillidari egindako galdera askotatik bat izan zen zenbat obra zituen Espainian, eta erantzuna izan zen 15 zeudela Espainian, museo eta norbanakoen bildumen artean, eta zenbat obratatik?, eta erantzuna izan zen munduan zehar 150 bat zituela, New York (Utica), Paris, Basilea, Turin, Stuttgart, Erroma, Zürich, Kolonia, Pittsburgh, Lund, Brusela, Houston, Londres, Vatikanoa, Chicago eta Washingtonen, berak gogoan zituela. Eta Euskal Herrian? Txikiren bat izan ezik, bat bera ere ez enkargatua edo erosia. Bat, ba omen zen 1975ean Donostiari oparitua. Jaizkibel mendian ere bai Rafael Elosegiri eskainitako hilarria, eta beste bat Fleming-i eskainia, eta gero Donostiari eskainiko zion Haizearen Orrazia aipatu zion Ugalderi, artean gauzatu gabeko ideia baina ordurako urteetan egosten ari zuena bere baitan. Garbi ikusten da non zen estimatua eta aintzat hartua, eta non ez. 1975ean, Europan eta Ameriketan eskultore garrantzizkoa zen, eta gutxi(ago) aitortua Espainian, eta Euskal Herrian. Herri- edo hirikide zuen Txillardegik, Ugaldek elkarrizketatu baino lehen, 1969an -Bruselan zen orduan Txillardegi, erbesteratua; ez dakit ezagutzen zuten elkar Txillidak eta Txillardegik; segur aski ez!- artikulu bat eskaini zion Zeruko Argia-n. Aitortzen zuen antigutar handiak ideia zipitzik ez zuela irudigintzaz, baina Le Monde egunkariko delako P.M. Grand kritikariak Picassoren kidetzat jotzen zuela Txillida, eta harrotzekoa zela zioen. Europan eta Ameriketan famatua izateaz gainera, “Abendu hortantxe egindako kritikan ageri denez, aspaldidanik bezela, Txillida'ren imajiñek euskal izena daramate: «Iru Burni» (1966), «Bakuntza» (1968), eta abar. Txillida, hitz batez, geure Txillida da. Bere burnia harrigarriak euskeraz bataiatzen dituelarik, ekarria unibertsala du; eta itxura euskalduna. Hortara jokatuz, geure bidea erakusten digu donostiar famatuak. Zeren-eta, artista edo idazle geran aldetik, gure ekarriak gizatarra izan behar baitu, gaurko arazoei erantzun bat; baiña ekarri horiek, unibertsalak izanagatik eta diralako, euskaldunak izan behar baitute formaz. Kultura eta hizkuntza baten seme gera; ala ez gera ezer (...) Aspaldi huntan gure herriak eman dituen artistak eta idazleak sorterriaz lotsatu egiten ziran: Zuloaga, Unamuno, Baroja, eta beste anitz. Txillida, aldiz, Euskal Herria'z lotsatu beharrean, nun-nahi euskalduntzat har dezaten nahi du. Ausardia haundia eta eskergarria! Bi arriskutatik iges egin du Txillida'k, beraz. Alde batetik. euskaldun izan nahiz, ez da jatorkerian edo folklorekerian erori: txapelik gabe, Txillida'ren burniak euskaldunak dira. Baiña, bestetik ere, sasihaunditasunak ez du itsutu eta bere herritik erauzi: Txillida ez da sustrairik gabeko artista bihurtu. Zorionak, beraz, behin eta berriz!”. Martin Ugaldek ere, nola ez, euskaragatik eta euskaltasunagatik galdetu zion. Zehazki: nola sentitzen zuen “lo vasco”? : “Es lo mío...Mira, yo he nacido en esta tierra y la quiero como se quieren esas cosas esenciales sin que haya necesidad de pararme a pensar mucho...Yo comencé a descubrir mi tierra cuando comencé a salir de ella. Y sobre todo al regresar, porque cuando uno vuelve a la tierra desde Madrid o desde París, el salto es grande. (...) Tú oyes hablar francés, castellano, en cualquier parte del globo, pero para escucharle a nuestra lengua el sonido, su música tienes que acercarte aquí...Por eso, para darle a la lengua de mi pueblo este paseo por el mundo, este “jalgi hadi plazara” de Dechepare (.) puse nombres euskéricos a muchas esculturas mías y a toda mi obra gráfica. Y esto empezó muy pronto en mi obra, porque a la primera escultura no figurativa que hice (...) le puse “Illarriak”. Iragan mendeko 80ko hamarkadaren azken aldera, Joxe Azurmendik eta Paulo Agirrebaltzategik elkarrizketatu zuten bere etxe Intzenean -ama aldeko amona Urretxuko Intzenea baserrikoa zuen, eta hortik izena-, Haizearen Orrazitik oso hurbil. Eta, jakina, haiek ere antzeko planteamenduak eta galderak egin zizkioten. Hona lagin bat: “Dimensión universal e identidad vasca. No cabe duda que su obra escultórica ha adquirido una dimensión europea y universal. Sus esculturas están esparcidas en numerosos museos europeos y americanos;(...) Con todo ello, Vd. siempre ha afirmado y reafirmado su identidad vasca y la radicación euskaldun de su obra. -Efectivamente. Creo sinceramente que mi obra tiene profundas raíces vascas. Me siento radicado en este pueblo. Y mi escultura es en definitiva expresión de la tradición cultural vasca. -Y el euskara, ¿la lengua vasca? Alguno ha dicho que su obra "habla euskara". ¿Qué lugar ocupa, en su sentir, el euskara en la identificación del Pueblo Vasco? ¿Cómo ve la lucha y la labor por su recuperación?. -Por desgracia yo no hablo suficientemente el euskara. Llevo ahí una profunda espina. Mis nietos, sin embargo, lo hablan perfectamente. Yo considero que el euskara es algo fundamental, decisivo en la identidad de este pueblo. Y es sumamente importante y esperanzador su actual proceso de recuperación. Hay que seguir decididamente por ese camino. Hasta que todos los habitantes lleguen a hablar esta nuestra lengua...”. Ni bat natorkio J.M. Odriozolari, Levi-Straussen ildotik, dioenean: “Hizkuntzaz haraindi ez dago ezer, kulturaren munduan sartzen garen unetik. Artistak, beste lanbide askotan bezala, bere hizkera eta kode bereziak erabiliko ditu berariazko produktuaren ekoizpena mamitzeko. Nolanahi ere, kultur eta arte erreferentzia oro hizkuntza jakin batean edo bestean pentsatua eta hezurmamitua dagoenez, inspirazio-iturri eta sormen-gaiak ez dira hizkuntzaz haraindiko gertakari sozialak, testuinguru historiko eta kultural baten altzoan txertatuak daudelako”. Eduardo Txillida bere baitan pentsaketan ari zenean, gaztelaniaz arituko zen gehienbat, materiala lantzen ari zenean ere bai; han edo hemen irakurritakoak burura zetozkionean ere hor nonbait, eta egindakoaren berri emateko adierazpide nagusia ere gaztelania izan zuen hain segur, eta frantsesa, ingelesa, alemana eta euskara beste maila axalekoago batean erabili zituen. Horrenbestez, euskotar euskultorea, baina, Txillardegik, Ugaldek, Azurmendik eta Agirrebaltzategik hedatu zuten bezala, bere jatorria goretsi zuen eskultore unibertsala ere bai, bere garai historikoa kontuan harturik, eta erakutsi zuen jarrera erakutsita, frankismoan bere obrei euskal izenak jarrita eta. Bederatzi urte behar izan zituen Haizearen Orrazia amestutako tokian jarrita ikusteko. Gaztetan hara joateko ohitura handia zuen, bakarrik edo bere bikotelagunarekin. 1952an, jada, buruan egosia zuen. Hasieran, orrazi bakarra egitea pentsatzen zuen, baina azkenean 23 piezako serie batetik hiru aukeratu zituen. Ondarretako hondartzaren ipar-mendebaldeko muturrean, Legazpiko Patrizio Etxeberriaren galdarategian egindako hamarna tonako altzairuzko hiru atal, kurbadura artikulatuz osatuak, haizea orrazten! Euskaldun gutxi egongo dira leku hau gustuko ez dutenak, eta euskaldunak bezala zeinahi tokitako herritarrak -hori bai, gero eta masifikatuago, baina hori beste gai bat da-. On Kixote Alderdi Ederren, Donostiaren erdigunean, eta Txillidaren Haizearen Orrazia, hondartza-mutur batean. Baina erdigunearen eta hondartza-mutur baten arteko diferentziak iradokitzen dutena alde batera, eta eusko-euskal gorabeherak gorabehera -gauza berbera Oteiza eta Basterretxearekin daukagu- bai ondare ederra utzi digula eskultore unibertsal honek! 3. Done Jakue mairu-hiltzailea eta Jesu Kristo gurutziltzatua! 2019-07-23 Berriki izan naiz Done Jakue apostoluari eskainitako Ermuko parrokian, ahaide baten hileta-elizkizunean. Erretaula barrokotik ezin begirik kendu hiletan. Aldarearen atzealdean Jesu Kristo gurutziltzatuaren irudia, gurutzearen tortura etsipenez pairatu begitartearekin, eta inguruan lau ebanjelistak; haren gainean, pare-parean, erretaulako tokirik ikusgarrienean, Done Jakue mairu-hiltzailea zaldi zuriaren gainean, aurreko hankak altxatuak eta eskuineko eskuko ezpata ere bai; bere oinetan, hildako mairu beltza, eta beste bat izuturik, santuaren ezpata lepora noiz helduko. Aldamenetan, Jondone Petri eta San Andres lehen bi apostuluak, Gorago Ama Birjina Jesus haur eta aingeruekin, eta aldamenetan, San Inazio, San Frantzisko Xabierkoa, eta Elizaren Gurasoak, eta goren Hirutasun Santua. Erdi-erdian Done Jakue. Bereziki Jesu Kristo gurutziltzatuari eta Done Jakue zaldizko mairu-hiltzaileari ezin begirik kendu. Nori egin kasu: gizadia jatorrizko bekatutik berrerosteko bizia eman zuenari ala santu musulman- eta indio-hiltzaileari? Kontraesan bortitza inondik ere, meza-emaileen bakezko hitzek ezin suntsitua. Penintsulako euskaldunoi ez dakit azaldu beharrik dagoen; tradizio mitologiko baten arabera, musulmanen aurka guduan ari ziren kristauei agertu omen zitzaien Done Jakue IX. mendean, Clavijoko guduan, adorea emate aldera, buru musulman ahalik eta gehienei lepoa moztu ziezaieten -5.000 lepotik gora moztu omen zituzten-. Amerikako konkistan santu hori berori konkistatzaile espainol indio-hiltzaileen adore-emaile bihurtu zen. Espainian ez ezik Euskal Herrian ere parrokia asko ditu, eta egunotan jaietan izango dira. 1978ra arte, Done Jakue Espainiako santu nazionala izan da, baina gauza hauek ez dira berehalakoan itzaltzen. Nork enkargatu zuen Ermuko parrokiako erretaula barrokoa? Angiozar auzotik Ermura joandako familia batean 1672an jaio eta Madrilen 1740an hil zen Andres Orbe Larreategik. Parrokiatik hurbil dago haren jauregi ederra. Bartzelonako gotzain izan zen (1720. Aragoi-Herrialde katalanek gerra galdu eta bost urtera), Valentziako artzapezpiku (1725), Gaztelako Kontseiluko gobernadore (1727-1733), Inkisidore Orokor (1733-1740) eta azkenik nuntzio apostoliko. Filipe V.a borboikoaren morroi zintzo eta era berean Vatikanoaren eta Espainiako Inkisizioaren. Bere meritu ugariengatik, besteak beste, herrialde katalanak menperatu zituen Filipe V.a borboikoak Valdespinako markesaren titulua eskuratu zion, bere ilobarentzat. Aldi berean, Jesu Kristoren irudi mantsoa eta bakezalea, eta Done Jakueren irudi basa, bortxazkoa, etsaiei lepoa mozteaz mehatxuka. Egia bakarra kristau katolikoena, eta gure kontzientzia indibidual eta kolektiboan ongi txertatua eta landatua mentalitate hori. Mentalitate elizkoia gizarte-auzietara ekarrita, bereziki hierarkiarena -oinarriko eliztar eta apaizen artean pertsona zintzoak badira noski, eta irekiak- dibortzioaren, abortuaren, eutanasiaren, homosexualitatearen aurka gogor, eta esku-eskutik eskuin espainola eta hemengoa ere; eta maila politikoan, horretan ezkertiar espainol gutxiz gehienak ere elkarri eskutik helduta, estatu espainolaren batasun santuaren alde -Gurutzadaren Teologiatik Demokraziaren edo hobeto esanda Hauteskundeen Mitologiara-; euskaldunon eta katalanen autodeterminazio eskubidearen aurka eta, egun, 1978ko Konstituzioaren 155. artikuluaren alde setatsu, eta behiala Done Jakueren ezpata bezala, egungo arma sofistikatuak eta polizien betiko astindu basa erdiarotarrak erabiltzeko prest, katalanak eta euskaldunok izutzeko, estatuak bortxaren monopolioa baitu, eta arrazionaltasun juridikoarekin estaltzen saiatuagatik, bere batasuna arriskuan ikusi orduko bortxara jotzen duenez gero, Katalunian berriki ikusi bezala. Gure kontzientzia indibidual eta kolektiboak baldintzatzen eta lotzen gaituen nazionalkatolizismoaren -euskal nazionalkatolizismorik ere ez nuke nahi, noski- irudi sinboliko horiek neure kontzientziaren baitan borrokatzera naramate han edo hemen ikusten ditudan bakoitzean, eta garbi daukat inor ez dudala nire hiletara joateko konpromisoan jarriko, mundu honetatik suntsitzean. Aska gaitezen mentalitate horretatik! 4. Boom…! 2019-08-18 Segur aski ez zaizue ezezaguna egingo Espainiako Antena 3 kateko programa. Oraindik orain eraman du Los lobos ezizeneko taldeak kasik 7 milioi euroko dirutza, eta Espainia guztian milioiek ikusi omen dute, eta gurean ere, kopuru zehatzik ez badakit ere, nago askotxok ikusi dutela. Honako bi galdera hauei erantzuten saiatuko naiz idatzi honetan: 1. Zergatik dute holako arrakasta era horretako lehiaketa programek? ; Zer dute kritikagarri? Eta, amaieran, galdera batzuk paratuko ditut. Niretzat gako bat da horrelakoak programa kultural entretenigarritzat jotzen ditugula. Telebista-kateetan hainbeste zabor, hainbeste programa merke dagoen honetan galdera-erantzun esan dezagun “kulturaletan” oinarritzen diren programa hauek fama ona dute. Eta diru mordoa irabaz daiteke gainera; akuilu horren garrantzia ez dago azpimarratu beharrik bizi garen gizartean. Modu erosoan, zeure erudizioa proban jar dezakezu lehiakideek duten presio eta urduritasunik gabe -azkar(regi) erantzun beharrak zailtzen die "ariketa" lehiakideei, aldi berean emozioa erantsiz ikuskizunari- eta modu errazean lehen baino erudizio gehiago izatera hel zaitezke era horretako programak ikusita. Dokumentalek baino arreta gutxiago galdegiten dute, eta jostagarriagoak dira edo izatera irits daitezke behinik behin. Entretenigarritasunarekin loturik, ikusleek lehiakideen alderako senti dezaketen enpatiak eta atxikimenduak axola handia dute. Pareko edo atsegin gertatzen bazaizkizu lehiakideak erraza da programarekin zaletzea eta kasik biziatzea ere, hots, programa hori ikusi gabe hutsunea nabaritzeraino heltzea. Delako Los lobos ezizeneko taldearekin horixe gertatu dela esango nuke: jende askori jatorrak, atseginak eta pertsona onak eta azkarrak gertatu zaizkio, maitagarriak eta programaren alderako zaletasuna sortu dute. Gainera bi urtetik gora egin dute programan, suertatu zaizkien aurkari guztiak gainditurik, eta lehiakide "jatorrenetako" bat -abeltzaina lanbidez- duela ez asko hil zen, eta horrek ere lagundu du jendea are eta gehiago programara lotzeko. Aurkezlea ez dut aipatu, eta, jakina, axola handia du, atsegin gertatzen bazaizu ikustea erabaki dezakezu, eta, bestela, aldatu egiten duzu. Halere, aipatzen ari naizen kasu honetan nago lehiakideek garrantzi handiagoa izan dutela aurkezleak baino. Laburbildurik, kulturalak izatearen fama dute, aurkezle eta lehiakideen alderako enpatia eta sinpatia eragin ditzakete eta eragiten dituzte, eta kasu batzuetan edo askotan adikzio-sortzaile gerta litezke eta gertatzen dira. Diru asko irabaz daiteke gainera, dena osatzeko. Zer dute kritikagarri? Benetan "kulturalak" dira? Egia da erudizioa txarra ez dela. Memoria lantzea eta erudizioa, berez txarrak direla ezin esan, baina programa horietan galdera bitxi, aldrebes, lerdo eta ergel ugari egiten da, eta lehiakideak behartuak daude mila txorakeria ikastera, dirua lortu nahi badute. "Zenbat gol sartu zituen halako jokalarik halako futbol txapelketatan?” eta gisako askotxo. Memoria entziklopedikoa eta azkarra izan beharra -ideien asoziazioa, analisiak eta sintesiak egiteko gaitasunak-eta guztiz kanpo gelditzen dira; gaitasun horiek intelektualegiak dira nonbait, eta espektakulu herrikoiari ez diote, antza, laguntzen-, eta lerdokeria mordoa ikasi beharra dakarte era horretako programek. Antiideologizazio eta akritizismoaren lagun dira era berean, eta ikuskizun eta espektakuluaren gizartea dute loditzen eta bazkatzen. Halaber, gure kasuan, "periferiakoak" asimilatzen laguntzen dute, Mendebaldeko erreferentzia orokortu eta hedatuenez gainera, espainol erreferentzia eta ikuspegiez blaitzen gaituzte tonto-tonto Antena 3-n bezala ETB2n, noizik behinetan euskal erreferentzia bakan eta salbuespenezkoren batekin nahasian. Los lobos-en kasuan kasik heroi nazional izatera heldu dira. Aurretik ere bagenekien espainiar jator asko dagoela, baina horrelako programen bitartez, nabarmenago ikusarazten eta sentiarazten digute nolabait esatearren espainiar izatearen harrotasuna. Horrek onura edo kaltea dakarkigun irakurleak juzga beza. Gisa horretako lehiaketa arrakastatsuak ikustear ote gaude euskaraz? Mendebaldeko erreferentzia ezagun-globalizatuez gain, euskal erreferentziez osatutako programarik?, berdin al dio gisa horretakorik egon ala ez?, zer deritzozue? 5. Valentziaren historia politiko-kulturala euskal ikuspegitik 2019-09-02 Azken urteotako bilakaera politikoagatik, kasik oharkabean, parekatu ohi ditugu Nafarroa eta Valentzia, edota bateko egoera politikoak bestekoa ekarri izan digu gogora. Oraintsu arte bietan eskuin espainola izan da nagusi, eta egun ere antzeratsu, eta ahaleginak eta bi egin ditu eskuin espainolak, bertako nafar erregionalisten laguntzarekin, Nafarroa EAEtik albait gehien bereizteko, eta era berean Valentzia Kataluniatik eta gainerako Herrialde Katalanetatik. Baina historiaren eta egoera politiko-kultural-linguistikoaren aldetik pareka ote litezke? Saiatuko naiz azaltzen ezetz, gai hain zabalerako artikulu honen xedea oso mugatua bada ere. Nagusiki Joan Fuster valentziarraren Nosaltres, els valencians liburuari segituko diot. Garbi utzi zuen idatzita hark, kazetari, saiolari eta poeta izan zen Fusterrek ezen valentziarrak izatea katalanak izateko modu bat dela, eta ez besterik. Baina goazen Valentziako erresumaren historia politiko-kulturalari begiratu bat ematera. 1233-1244 urte-bitartean bururatu zen Valentziaren konkista militar eta diplomatikoa. Hiriburua 1238an errenditu zen Aragoiko Koroako errege Jaume I.aren aurrean. Valentziarrak ordurarte “mairuak” ziren, Al-Andalusekoak bezala. Andaluziarrak bai, baina valentziarrak ere musulmanak ote ziren? Bai, Granadan edo Marokon bizi zirenen antzera, arabieraz mintzo ziren (“algarabieraz”), meskitetan otoitz egiten zioten Alari, eta ohitura zibil musulmanak zituzten; inbaditzaile eta konkistatzaileak nagusiki kristau aragoiar eta katalanak izan ziren, denak ere Aragoiko Koroako eta Jaume I.a erregearen menpekoak. Errege eta erresuma kristauen ikuspegitik, Balear Uharteak kolonizatzea Kataluniako Printzerriari zegokion bezala, merkataritza-xedeetarako bereziki, Valentzialdea inbaditzea eta konkistatzea Aragoiko Erresumari zegokion, hain zuzen itsasorako bidea izateko, eta Aragoiko jaun feudalek -Aragoin Behe Erdi Aroan jaun feudal lurjabe handiak ziren nagusi- Valentzia hiriburua eta inguruko herri eta eskualdeak Aragoiko Koroari anexionatzea zuten xede, baina Jaume errege konkistatzaileak jaun feudal aragoiarrei kontzesio batzuk eginagatik konkistan laguntzeagatik, Valentziako Erresuma sortu zuen argudiatuz ezen Valentziaren konkistan aragoiarrak ez ezik katalanak gudukatu zirela. Horregatik, egungo valentziarrek Jaume I.a dute euren valentziartasunaren aitagoitzat. Zer gertatu zen 711tik 1238ra bitartean, Valentziako lurretan eta hirietan nagusi izan ziren valentziar musulmanekin? Aurkako erresistentziarik gabe nagusitu bide ziren eta Fusterrek dioenez, bost mende luze horietan valentziarren arabiartzea oso sakona eta orokorra izan zen, eta kristau mantendu ziren mozarabiar gutxiak kristauen eskualdeetara aldatu ziren. Berriro, lehengo galderara etorriz: zer gertatu zen valentziar musulman edo moriskoekin? Jaume I.ak ez zituen kanporatu; ez errukiagatik baizik eta behar-beharrezkoak zirelako herriak eta hiriburua biztanlerik gabe ez gelditzeko. 1270an, konkistatik 30 bat urtera jada, 30.000 kristau eta 100.000 musulman inguru bizi ziren Valentziako erresuman; 1500ean: 160.000; eta, 1609an, Espainiako Filipe III.a erregeak moriskoen kanporaketa agintzean, 130.000 inguru ziren, populazioaren %35 inguru; eta horregatik, kanporaketak krisi demografiko-ekonomiko larria eragin zuen. Moriskoen kopuruak behera eta kristauenak gora egin zezan Jaume I.ak eta haren ondorengoek, batez ere katalanen etorrera prestatu zuten XIV. eta XV. mendeetan, eta klase ikuspegitik, monarkia aragoiarra katalan burgesian bermatu zen jaun feudal aragoiarren eragina murrizteko. Eskualde gehienak, ondorioz, katalan-hiztunen esku geratu ziren, eta gaztelania-hiztunen mende mendebaldeko herri eta eskualde batzuk -denborak aurrera egin ahala mendebaldeko eskualde gaztelaniadun gehiago erantsi zizkioten zentralistek-; beraz, Valentziako erresuma, haste-hastetik elebiduna izan zen: katalanek populaturiko eskualdeetan eta Valentziako hiriburuan katalana guztiz hegemoniko, eta gainerako mendebaldeko eskualdeetan gaztelania. Nafarroako erresuman ere garai hartan, zatirik handienean euskara, bereziki klase herrikoietan baina Erriberan, erromantzea zen nagusi. Eta moriskoak? Kopuruz berak ziren nagusi, baina kristau katalan eta aragoiarren mendean; gero eta lege murriztaileagoak jasan beharrean zirelako askok aldegin zuten Granadara edota Ipar Afrikara, eta haietako asko aragoiar jatorriko jaun feudalen menpeko izan ziren, eta besteak beste, hargatik ez zituzten lehenago kanporatu. Sarreran egindako galderari erantzuten hasirik, oso historia ezberdina izan dugu katalanek eta valentziarrek eta euskaldunok Erdi Aroan. Aragoiko Koroaren menpean, eta horrenbestez, aragoiarrekin batean, katalanak konkistatzaileak izan ziren Iberiar Penintsulan, eta are Mediterraneoan: Balear Uharteetan lehenik, eta aurrerago Sardinian, Sizilian, Napolin eta Atenas eta Neopatrian (Grezia. Egun Ypati) ere. Otomandarrak Konstantinoplaz jabetzean (1453), eta batez ere Gaztela eta Aragoiko koroak elkartzean, eta Ameriketako kolonizazio eta konkistari ekitean, Gaztela gora etorri zen eta Aragoiren Mediterraneo alderako zabalkundea behera. Historia politiko-soziologikotik kultura eta hizkuntzara etorriz, XIII., XIV. eta XV. mendeetan, valentziarrek eta mallorkiarrek ere katalanez idazten zuten, bai literaturan eta halaber, gortean eta administrazioan. XVI. mendetik aurrera hasi zen aldatzen jokabide linguistiko hura, gaztelaniaren mesedetan, valentziar intelektual eta literatoak, salbuespenak salbuespen, ahoz erabiltzen jarraitzen zuten ama-hizkuntzari idazteko orduan uko egiten hasi baitziren, inperio espainolaren lilura eta eraginpean. Gure historia politikoari dagokionez, euskal jauntxoak, euskal eliteak bai izan dira konkistatzaile eta inbaditzaile, baina ez euskaldun gisa, baizik eta espainolen morroi gisa, eta euskaldunok ez dugu jendez ezein lurralde populatu. Kulturara etorriz, gure intelligentsiaren idatzizko jardunari dagokionez, badakizue Nafarroako erresuman beti erromantzeak (nafarra, okzitanoa) eta gero gaztelania izan zirela administrazioko hizkuntza, eta ez euskara. Funtzionarioak XVI. eta XVII. mendeetan ere elebidunak ziren, eta dokumentu bakan batzuetan erabili bide zuten euskara (irakur Monteano historialariaren liburuak), eta ahozko lekukotzak jasotzeko ere bai, baina idazteko hizkuntza gisa ez -latinaren prestigio itzelak eta gurea latin-hizkuntza ez izateak oztopoak areagotu zizkigun, katalanari ez bezala, eliteen klaudikazio edo espiritu nazional ezaz gainera-. XVI. mendetik aurrera, eta bereziki XIX. mendeaz geroztik, Espainiak estatuaren lehen baino baliabide indartsuagoz (administrazioa, irakaskuntza, apaizak, fraide eta mojak, soldadutza, hedabideak...) ekitean bere menpeko lurraldean nazio bakarra, nazio gaztelaua gailenarazten, hasten dira katalanen eta valentziarren eta euskaldunen historia hein batean elkarren antza hartzen, gure nazioen aurka indar zapaltzaile bera aritu delako lanean, gure nazioak ahultzen era askotara. Berriki izan gara Valentziako hirian eta ingurumarietan. Abertzaletasun politikoaren aldetik, EAEn eta Nafarroan hobeki gara. Honetaz badakien adiskide batek esan didanez, Valentzian boto abertzalea, hots, Herrialde Katalanetan integratu nahi duena, parlamentuz kanpokoa da (Esquerra Republicana de Catalunya-ren botoak bertako parlamenturako: %0,50). Bloc Nacionalista Valencià (Herrialde Katalanetan sinesten duena, baina integrazioa nahi ez duena) kontuan hartzen baldin bada, botoen %9raino igotzen da -Ipar Euskal Herrian bezalatsu, onenean-. Hizkuntzari dagokionez, esango nuke Euskal Herrian euskara baino zertxobait gehiago entzuten dela katalana Valentziako erkidegoan, eta hiriburuan. Oro har, %20-23k omen darabil. Valentziako Zientzien Museora bazoazte, han ikusiko duzue errotulazioan Valentziako katalana lehenetsita, gaztelania eta ingelesarekin batean. Alabaina, Katalunian baino askoz gutxiago mintzatzen da Valentzian, bereziki hirietan, eta informazioa falta bazait ere, ausartzen naiz esaten gure hizkuntzak gurean dituen zailtasunak baino gutxiago ez dituela katalanak Valentzian, hots, valentzierak, valentziar gehienek dioten moduan -duela gutxi egindako galdeketa baten arabera, %52rentzat valentziera eta katalana bi hizkuntza ezberdin dira; eskola maila ona dutenen artean, aldiz, valentziarren %58 dira hizkuntza bakarra dela diotenak-. Politikoki Kataluniak eta Valentziak bereizirik dirauteino, eta alde horretatik EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoa baino elkarrengandik urrunago daude -ez dago Valentzian nagusiki katalan sentitzen den eskualde edo herri handirik-, valentzierak, eta kulturalki katalan sentitzen direnek etorkizun kaxkarra izango dute. Baditugu abantaila batzuk haiekiko: nafar espainolenek ere ez dute zalantzan jartzen Nafarroako euskara eta nonahikoa hizkuntza bakarra dela. Nafarroa Garaian badira euskaldun sentitzen direnak foru erkidegoaren iparraldean ez ezik Iruñerrian eta Lizarra eta Tafallaldean ere. 1978ko Konstituzioak aurreikusten du EAE eta Nafarroa Garaia batzeko aukera -arras zaila izanagatik-, eta Katalunia eta Valentzia ez. Valentziatik Bartzelonara 350 km daude; gu elkarrengandik hurbilago egonik, harreman usuagoak ditugu. 6. Roger Etxegarai kardinala eta militar espainolak Arantzazun. 219-09-09 Etxegarai kardinal ezpeletarraren heriotzaren berria bizi-bizi dugula oraindik, hara non jakiten dugun Arantzazuko santutegiko zabalgunean desfilaturik basilikara joan direla (2019-09-06) Loiolako kuartelean dauden militar espainolak, Ama Birjinari lore-eskaintza egitera, eta fraide frantziskotarrengandik bedeinkapena jasotzera, azaroan, Irakera doazelarik NBEren misio batean. Eliza eta politika diplomatikoa dakarzkigu gogora Etxegaraik; elizaren eta militarren arteko uztarketa Arantzazuko gertakariak. Ez dira hamar egun, bestalde, EAEko lehendakaria Vatikanoan izan zela errefuxiatuak hartzeko share proposamena aurkezten. Gatozen hiru gertakarioi begia ezartzera. Hil berriari dagokionez, jakingo duzue gehienok lehen eta bigarren mundu-gerren artean, Jean Ibarnegarai baxenabartar politikari eskuindarrak aise irabazten zituela bozak Ipar Euskal Herrian, eta, besteak beste, hark zabaldu zuela jendartean, aberri ttipiaren eta aberri handiaren arteko bereizketa -Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako aberri ttipiaren eta Frantzia aberri handiaren alderako atxikimendu guztiz osagarriak-, eta Etxegaraik bi aberri horiek, handia eta ttipia, nola zerbitzatu zituen arakatzen zentratu nahi dut. Bai, ez zen Ibarnegarai bezala politikari hutsa izan, baina Vatikanoko diplomazia lanetan gatazka askotan ibili zenez, eta 2014an Manuel Valls orduko lehen ministroak Frantziako kondekorazio handiena eman zionez “Great Cross of the Legion of Honour”, esan liteke erlijioso ez ezik politikari diplomazialaria izan zela. Gurasoak jatorri apalekoak: aita mekanikaria, eta ama etxeko anderea. 1940-1945 urte-bitarte bortitz haietan egin zuenaz, ez dut ezer atzeman. Esaterako, zendu berriarekin urtebeteren alderik ere ez zuen Xarriton zenak -orduan Etxegarai bezala apaiz-ikasketak egiten ari- kontatu zidanez, 1942an, Alemaniara lan behartuak egitera bidali nahi izan zuten, eta uko egin zion. Ikasketak Uztaritzeko seminario ttipian, Baionako seminario handian, eta Erromako Unibertsitate Gregorianoan. Apeztu ondotik, postu guztiz garrantzitsuak izan zituen Frantziako elizaren hierarkian, eta Europakoan ere: Pariseko apezpiku laguntzaile 1969an, Marseillako artzapezpiku (1970-1984); Frantziako apezpiku-konferentziako presidente (1975-1981), eta Europako apezpiku-konferentzien arteko harreman-idazkaria (1971-1979). Elizari egindako lanen ordainetan, 1979ko ekainean kardinal izendatu zuen Joan Paulo II.a Aita Santuak, eta bereziki Wojtyla Aita Santuarekin munduko gatazka askotan hartu zuen parte diplomazia-lanean. Horietako bat Kubako Castro presidentearen eta Wojtylaren arteko topaketa ofiziala prestatzeko 1998an. Horren harira kontatzen du Berria-ko zuzendari M. Otamendik hitzordua galdegin ziola Etxegarairi elkarrizketa azkar bat egiteko, frantsesez. Lehen galdera: “Zu zara aspaldi Eliza katolikoan goren iritsi den euskal herritarra”. Kardinalaren erantzuna: “Ni ez naiz euskal herritarra, ni frantziarra naiz”. Handik urte batzuetara beste hitzordu bat lortu zuen Etxegarairekin Erroman; orduko hartan Etxegarairen biografia egitea zuen xede. Huts, orduan ere; baina ordukoan, Otamendiren bisitaren jakitun, horrela esan omen zion lekaimeari: “Utziozu sartzen, hori, ni bezala, euskal herritarra da eta”. Bi erantzun ezberdinen arrazoia esplikatzeari emanik, lehenbizikoan, dio Otamendik, ezkutuko diplomazian ari zela Etxegarai, eta ez zuela batere arriskatu nahi izan. Bigarrengoan, aldiz, bisita pribatua izaki, “kardinalak ez zuen batere prebentziorik izan bere euskaltasunaz hitz egiteko”. Harro erakutsi zizkion apartamentuko paretetan zintzilik zeuzkan Ezpeleta jaioterriko argazkiak, piper sorta bat, xisteran jokatzeko saskia… Otamendik kontaturiko anekdota horrek argiro erretratatzen du Etxegarai kardinalaren jokaera: bere lanean, osoki kardinal frantses, aberri handiaren zerbitzari erlijioso-politiko-diplomatiko, ez, euskal herritar, eta pribatuki, euskaldun aski konbentzional eta folkloriko: argazkiak, piper sorta, xistera-saskia. Ez al duzue uste Manuel Valls-ek merezita eman ziola Frantziako kondekorazio handiena? Guk, aldiz, ez daukagu euskal txapel edo bonetik zertan emanik, euskal elizari edo egindako mesedeengatik, dakigula, ez baitzuen halakorik egin. Euskal elizari ez, baina euskal gizarteari ez al zion mesede egin, ordea, ETA eta Espainiako gobernuaren arteko bitartekari lanean ariturik? HBko Otegi eta PSEko Egiguren Elgoibarko baserri batean hizketan hasirik, PP nagusi zela Madrilen, laster Vatikanoarekin harremanetan jarri nahi izan zuten, Espainiako elizaren hierarkian eraginik Espainiako eskuinean ere eragin zezaketelakoan. Egiguren eta Pernando Barrena joan omen ziren Etxegarai kardinalarengana 2004ko maiatzean. Kardinalak honako hau esan omen zien: “Etxegaraik ohartarazi zigun Vatikanoak ez duela bataiatzen, konfirmatu egiten duela baizik. Egigurenek askotan gogoratzen du haren esaldi hori. Esan zigun Espainiako Elizarekin hitz egiteko, nagusiarekin, [Antonio Maria] Rouco Varelarekin, eta guk ezta pentsatu ere, nola egongo ginen harekin kontu horiez. Beraz, Vatikanora joateko misioa bete genuen, baina otarrean ez genuen ezer zehatzik ekarri.” 1936ko urtarrilean, J.A. Agirrek eta euskal ordezkaritzak saskian ezer ekarri ez zuten bezala, Pizzardo idazkariarekin egonik; besteak beste, Iruiñean egoitza zukeen euskal elizbarrutia galdegiten zuten. Urte hartako udan bertan, Barrena berriz egon zen Etxegarairekin: “Konfirmatzera joan ginen: PSEkoak gurekin hizketan ari zirela, gaiak zein ziren eta abar. Euzkadi jatetxean bazkaldu genuen Etxegarairekin, eta esan nion ezer berririk bazen informatuko nuela e-posta bidez. Kardinalak erantzun zidan: «Ez, e-posta bidez ez, antzinako testamendukoa naiz…».” Irakurleak juzgatuko du, nik bezala, zenbat lagundu zuen Etxegarai kardinalak. Hutsaren hurrengoa! Zergatik ez du Elizaren hierarkiak inoiz Euskal Herria politikoki lagundu -zinez, lagundu-, bertako kide garrantzitsu batzuk euskaldunak izanagatik? Erantzuna da Elizaren hierarkiak beti San Paulok erromatarrei egindako gutunean adierazitako doktrinari jarraitu izan diola: “Kristauak agintarien menpeko. Gizaki orok izan behar du ezarritako agintarien menpeko. Ez baita aginterik Jainkoarengandik ez denik, eta oraingo agintariak ere hark ezarriak dira. (…) Joka ezazu ongi, eta haien onespena izango duzu, Jainkoaren zerbitzari baitira, zuri ongi jokatzen laguntzeko. Gaizki egiten baduzu, ordea, izan beldur, zigortzeko ahalmena ez baitute alferrik. Izan ere, Jainkoaren zerbitzari dira, justizia egin eta gaizkileak zigortzeko. Horregatik, beharrezko da agintarien menpeko izatea, baina zigorraren beldurrez ez ezik, baita kontzientziaren eraginez ere.” (Elizen arteko Bibliaren bertsioa). Agintari espainiarrei (edo frantsesei) zigorraren beldurrez ez ezik kontzientziaren baitan ere obeditu behar diegu doktrina paulotarrari jarraiki. Seguru asko Arantzazuko fraide frantziskotar euskaldunei ere ez die batere graziarik egin militarrei bedeinkapena eman behar izanak, baina erlijiosoen gustu eta sentimenduen gainetik, agintariei zor zaien menpekotasuna dago. Halarik ere, jarraitzen dute gure ordezkari politikoek Vatikanoa gauza handitzat hartzen, legitimatzaile moraltzat edo. Sarreran esan bezala, EAEko lehendakaria izan berri da han, ez eduki politikoko afera batekin, baizik eta proposamen humanitario bat esku artean zuela. Gure preso politikoen giza-eskubideen defentsan batere nabarmentzen ari ez den Eusko Jaurlaritzak errefuxiatuak hartzeko proposamenenean agertu nahi txapeldun, noren eta Etxegarai zenak garbi adierazi bezala, aurrez egina dagoena konfirmatu baino egiten ez duen estatu txiki “espiritual” baten buruaren aurrean? Sinesgarriago litzateke etxean beste ardura bat eta beste sinesgarritasun bat erakutsiko balitu. Gainera, otoi, nire eta nire modukoen izenean, ez bedi inor Vatikanora joan, ez baitugu haren moral status quo bermatzailean batere federik, ez eta haren bedeinkapen beharrik ere. Amen ! 7. Feminismoaren aurkako gizon-liga? 2019-11-13 Azkenaldian iritzi-blog honen jarraitzailea naiz, irakurle eta kolaboratzaile moduan, zuetako batzuek dakizuen bezala. Atentzioa ematen dit kutsu feminista duten artikuluek, esaterako, Durangon egin berri diren V. Jardunaldi Feministen gainekoek zenbat irakurle daramaten gaitzespen keinuan klik egitera; desatsegina gertatzen zait arbuio itxura batera irrazional hori. Zenbat urte igaro ditugu gizonok emakumeez batere arduratu gabe, eta orain indar pixka bat hartu dutenean, erabat zapuzturik? Zientzia kognitiboan aditua den G. Lakoffek dio gure pentsamenduaren gehiena inkontzientea dela. Baina ez Freuden zentzuan, baizik eta literalki ez garela gure pentsamenduaren parterik gehienaz kontziente. Feminismoaren gaian beste horrenbeste gertatzen ote zaigu gizonezkooi eta emakumeei? Horrek ez du esan nahi, ordea, arrazionalizazio ahalegina ezinezkoa denik, eta ez du esan nahi, halaber, nik uste, merezi ez duenik. Zerk uxatzen gaitu feministengandik? Axolazko puntu batzuk ukituko ditut, exhaustibotasunetik urrun. Azken hamarkadetan, baina batez ere azken urteetan, ETA desegin ondotik indar handiagoz, genero biolentziaren presentzia arras handia tarteko -goiburu honen bultzadapean bezala: bortxa politikoaren kontra bageunden, emakumeen aurkako biolentziaren kontra ere bai, noski!-, instituzioen aldetik inoiz baino onarpen handiagoa jasotzen du emakumeen aurkako diskriminazioaren kontzientziak, eta berdintasun teknikariak-eta erakundeen aurrekontuetan sartu dira, eta beste itzal bat lortu du, oro har, erakundeetan eta jendartean. Badakigu berdintasun teknikari batzuk egoteak erakundeetan -euskara teknikariekin gertatzen den bezalatsu-, sua itzaltzeko ere balio dezakeela, hots, nolabait erantzun gisako bat eman goraka doan errebindikazio sozial bati benetan inplikatu gabe, baina egia da inoiz baino aitortza instituzional gehiago duela. Horrek molestatzen gaitu gizonok? Neu ez behintzat. Puntu larrienetik hasirik, emakumeen aurkako indarkeriaren alde ez dut uste inor egongo denik. Egia da izendapen horren pean batzuetan hertsiki edo nagusiki genero-biolentzia ez dena ere sartu nahi izaten dela, eta batzuetan zalantzak sortu ohi direla, eta batez ere gaia kriminalizatzeak ez duela tarterik uzten kasu konkretuak hobeki ezagutzeko, baina hori segur aski saihets ezinekoa da horrelako kasu tragiko zoritxarrekoetan. Nolanahi ere, ekintza zorrotz kondenatzeak ez luke ikerketa eragotzi behar, zergatik gertatzen diren hainbeste hilketa argitzeko, argi daitekeen neurrian, heteropatriarkatua aipatzea ez da aski nire iritzirako. Gatozen kanpoko lanaren eta familia-lanaren kontziliazio zailaren arlora. Emakumeak etxetik kanpo lan egiten duenean ere, etxearen ardura nagusia berak daramala baieztatzea eta salatzea oso ohikoa da. Gizona gehiago brikolajean eta agian sukaldean, baina emakumea gehiago garbiketa-lanetan eta umeen zaintzan; gizona, onenean, edo maiz, laguntzaile. Kasu gehienetan ez al da hala? ; horregatik kexatzeak molestatzen gaitu gizonak? Ez gintuzke molestatu behar, ezta? Eta horrekin zeharka bederen lotutako adinekoen zaintza-lanak?, gehienetan emakumeen gain gelditzen diren zaintza-lanak? Aitortuak, formakuntzaren merezidun eta ordainduak behar lukete? Eztabaidak ez gintuzke molestatu behar, ezta? Kanpoko lanetara etorrita, gizon eta emakume arteko soldata-arrakala. Lan bera eginez gero, nork defendatzen du soldata-arrakala?, zeren izenean? Umea izateko adinean dauden emakumeak garestiagoak ateratzen zaizkiola enpresari? Horrek ez du inondik ere soldata-arrakala zuritzen. Beste polemikagai bat: lanbideak sexualizatuak daudela; batzuek feminizatuak eta beste batzuk maskulinizatuak, eta horrek ez lukeela horrela izan behar. Puntu honetan baditut zalantzak. Enpresetako goi-karguetan gizonak dira nagusi, eta bai hobe parekidetasuna edo parekidetasunerantz jotzea. Irakaskuntzan emakumeak gehiago, eta zerbitzuetan, eta esku-lanetan gizon gehiago. Ez dut uste irakasle edo andereño izatea zerbitzuetako langilea edo eraikuntzako langilea izatea baino hobea denik. Zenbait lan zikinetan, esaterako, meatzeetan, gizonak dira nagusi, eta desabantailatuak horrenbestez. Beste gai polemiko bat: haurra jaiotzean, aski da genitaletara begiratzea sexuak markatzeko? Oraintsu arte bai. Gaur egun badakigu badirela genitalez bestera sentitzen direnak. Baztertu behar ditugu? Garuna berez malgua omen da; ez dezagun zurrundu zahartzearen ondorioz erremediaezina izan baino lehen! Desegokiak iruditzen zaizkigunak sala, jorra eta kritika ditzagun, baina sar dezagun gai honetan ere arrazionalizazio gehiago, onerako izango delako ustean. Arren, Liga antifeministarik ez! 8. Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (I) 2019-12-18 Euskal historiarekin kritiko da Azurmendi, eta Espainiaren historiarekin ere bai. Lehenik, labur-zurrean atzokoari begira arituko gara, eta ondotik egun-biharkora etorriko gara. Zergatik ez genuen euskaldunok Errenazimenturik izan? Hegoaldeari dagokionez, eliteak Espainiako errege eta gorteari begira jarri zirelako. Italian, Dante eta Petrarca-eta hasi ziren lehenik, orduan Europako hizkuntza landu nagusia zen latina (grekoa eta hebreera ere prestigiodunak) utzi, eta Toskanako hizkuntza arruntean idazten, eta Erroma inperioa zen garaiko literaturan oinarritzen, gainbehera etorriak gorabidean jarri beharrez; laster, antzeko xedez, gainerako herriak, idatziz landu gabeak ziren hizkuntza orduan arruntak erabiltzen, erabiliaren erabiliaz, eta landuaren landuaz, greko eta latinaren bikaintasunera iritsiko zirelakoan. Eta euskaldunak? Iparraldeko Etxepare, Leizarraga eta Sarako eskolakoak-eta, Oihenart-eta alde batera, kultur basamortu! Hegoaldeko euskararen apologisten, elite euskaldunen ordezkari paradigmatikotzat har dezagun Esteban Garibai arrasatearra -izen bereko fundazioaren berri ere izan dugu berriki, Urquijorekin eta!-. Estutasun ekonomikoetan zela, Espainiako Filipe II.a errege eta enperadoreak liburuzain izendatu zuen, eta kronikari, eta Garibaik esker onez, eta estasiaturik audientzia pribatuan hartu zuela-eta, honako trisagioa eskaini zion: “Dios le guarde. Dios le guarde. Dios le guarde muchos años. Amen”. Fausto Arozenak honela azaltzen zuen Garibairen erregezaletasuna: “monarquismo ferviente, mayor quizá que el que constituía la tónica de su tiempo”. Caro Barojarentzat berriz, erregezaletasuna eta inperiozaletasuna eta foruzaletasuna ez zeuden derrigor elkarri muturka; aitzitik, batera gerta zitezkeen, Garibairen baitan bezala: “Que en el siglo XVI se pudiera ser imperialista y monárquico de un lado y partidario de las libertades forales de otro, es algo que hay que admitir, nos guste o no” (Espainolak eta euskaldunak. 1. edizioa. 474or. ). Errege eta enperadore Filipe II.aren morroi-morroi lehenik, Espainiaren eta Gaztelaren miresle bigarrenik, eta azken-azkenean, euskaldun foruzale. Eta gaztelaniaren lantzaile, eta euskarazko errefrau-biltzaile -haren izena daraman fundazioko kideek baino gehiago egin zuen euskararen alde, gutxi eginagatik-. Euskal eliteek ez zuten beren kontrolpean zituzten forupeko Batzar Orokorren bitartez eta unibertsitaterik eraiki eta finantzatu -Oñatiko Unibertsitatea salbuespen bitxi bat izan zen, Rodrigo Mercado de Zuazola oñatiarrak eraiki eta finantzatua osorik, baina batzar orokorrek eta beren gain hartu gabea-, eta badakigu arraina burutik kirasten hasten dela. Burujabetasun kulturalik gabe, politikorik ere ezin, bada! Foruak atxiki genituen bitartean, politikoki eta kulturalki burujabe al ginen? Egia da W. Humboldt prusiar intelektual handiak 1799-1801 urteetan Euskal Herria Espainia baino oparoagoa eta batez ere ezberdina, bestelakoa ikusi zuela. Baina, jakina da, era berean, euskarari mende bateko bizia baino ez ziola iragarri, nazio kulturala desegiteko oinarriak paratuak zekuskielako. Baina berriro galderara etorrita: foruekin (kasik) independenteak al ginen? Joan Antonio Zamakola bizkaitarrak ez zuen batere erreparorik izan noiz eta 1818an, bere liburuari “Historia de las Naciones bascas” izenburua jartzeko, eta argitaratzeko. Laster, guztiz ezinezko izango zen (nazio bakarra Espainia). Zamakolak naturaltasun guztiaz aipa zezakeen: “la independencia absoluta con que siempre se habían gobernado los bizcaynos bajo la protección de los emperadores romanos y de los reyes de España” (484or.). Bai, euskaldunek beren independentziaren kontzientzia osoa zuten XIX. mendearen hasieran bertan ere, eta, halaber, espainolek euskaldunen independentziarena XVI.-XVII. mendeetan (1506an, Burgosko Gorteetan erabaki zen euskaldunek ez zutela Gaztelako Gorteetan esku hartzerik “Estados separados” zirelako. “Nación separada” deizioa oso arrunta zen euskal nazioaz mintzatzeko. Baina aurki horrek bazuen ifrentzurik. Honela dio Azurmendik: “Errealitatean izan ere, Moderniarekin, bi printzipio absoluturen konfliktoa sortzen da: Foru-Legearen subirania eta balio absolutua, batetik; bestetik, aldiz, Monarkaren aginpide, agian ez teorian, baina bai errealitatean, geroz eta gehiago absolutua; eta aurki baita teorian ere absolutua. Bi aginpide-printzipio absolutuk ez daukate elkarren buruz-buru koesistitzerik. Bietan batek atzera egin beharko du”. Denok dakigu atzera zein printzipiok egin zuen XIX. mendean. Honek guztiak burura ekartzen dit XVI. mendetik XVIII. mende bitarteko Euskadi forala (Nafarroa Garaia barne, Iparraldea bereiz) eta egun 1978ko Konstituzioaren pean EAEn eta NFEn duguna, diferentzia historiko-kulturalak diferentzia, funtsean antzekoak direla, botere zentralarekiko mendekotasunean oinarritzen direlako. Hau ez diot zuzenbide aldetik, baizik eta mendekotasun kultural-linguistikoagatik. Nik baino gehiago dakitenek diote nazioarteko zuzenbide publikoaren ikuspuntutik Gipuzkoa, esaterako, burujabea zela 1839 arte, batasun konstituzionala inposatu zuten arte, eta horregatik 1794an, Gipuzkoaren independentzia aldarrikatu zuten Batzar Orokorrek, eta frantziar Errepublikara batzeko erabakia hartu zuten, Gipuzkoa eta Gaztelako Erregeren arteko harremana aldebikoa zelako hain zuzen, eta ez gaur egun EAE eta Madrilen artekoa bezala. Ikusi dugu Azurmendik errotik hautsi zuela jeltzaleen artean nagusi zen ikuskera, hots, foruek iraun zuten bitartean guztiz independenteak ginela. “Manifestu atzeratuan” (1968) poetikoki adierazi zuenez: gure kondaira pobrea da, Agiñako zero bat da (Oteizak Lesakako Agiña mendian Aita Donostiari, gorazarrez eskainitako estela). 9. Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (eta II) 2019-12-18 Gatozen orain Espainiako historiari egindako kritikara. Nolako iraultza burgesa izan zen Espainiako Independentzia gerra deiturikoa? Iraultza bat iraganaren alde, dio Azurmendik. Frantses tropek Espainia osorik hartu zutenean, Fernando VII.ak abdikatu zuen Baionan, eta ilustratu espainol puntakoenak antiabsolutistak ziren (despota ilustratuaren aldeko, baina) eta frantsestuak zeuden, eta Jose Bonaparteren kolaborazionistak izan ziren. Frantzian Luis XVI.ari eta Maria Antonietari lepoa moztu zieten; Espainian? Frantsesen inbasiopean, frantsesen aurka definitu beharra izan zuen iraultzak, eta frantsesa izateak berekin zekarren guztiaren aurka. Iraultza eskuindarra, funtsean, Francorena gertatu zen bezala, aldeak alde. J. Álvarez Junco historiako katedradunak (Madrileko Unibertsitate Konplutensean) honela dio: “Resulta díficil negar el predominio de llamamientos en defensa de la religión heredada frente a los revolucionarios ateos, especialmente por parte del bajo clero, a quien los franceses y sus colaboradores denunciaron desde el primer momento como principal agente inductor de la insurrección” (Espainiaren arimaz. 51-52orr. ). Azurmendirentzat, “Independentziako gerra” deritzana, mitologia nazional espainolaren asmazio bat izan da: “aitortu beharrekoa ematen du: hasteko, inbasorerik ez zegoela; gero, herriaren altxamendu espontaneoa, elizak eta nobleziak xaxatu eta antolatua izan dela; eta, amaitzeko, gerra krudel hori, independentzia gerrarik edo baino, gurutzada erlijioso bat izan dela, Errege Katoliko eta Filipe II.aren tradizio espainolik hoberenean, zer eta “impíos, incrédulos, deístas, ateístas, herejes, apóstatas de la Francia y de la Europa toda”, hots, pentsamendu ilustratu-jakobino modernoaren inbasioaren aurka”. Horixe dago, bada, estatu-nazio espainolaren eraikuntzaren hasmentan. Eta haren bilakaeran? Zer eragin izan du estatu-nazio espainolaren eraikuntzak galego, katalan eta euskal nazioentzat? Esperimentu txarra izan dela dio, katalan, galego eta euskaldunentzat liberalen asmakizuna den Estatu-Nazioaren kontzeptua XIX. mendetik hona; izan ere, Antzinako Erregimeneko gorputz politikoa, monarkaren buruan bateratzen zena birpentsatzean, Gorputz Mistikoa hartu zuten erreferentziatzat Estatu-Nazioa Eliza Nazional bihurraraziz, dogma eta inkisizio guztiekin. Nazio espainol berriari, komeni bezalako historia asmatu zitzaion, hura dohain ederrez jantzirik, batez ere aurrerapen eta progresoarekin lotuaz, eta gainerako herrienak mespretxatuz. Orain, nahitaez, espainola izan beharra dago, eta Espainiaren esentzia ez da inoiz katalana, galegoa edo euskalduna, baizik eta gaztelaua. Estatuko denok kultura eta memoria historiko bakarra: Konstituzio bat, hizkuntza bat (beste hizkuntzak toleratu egiten dira, baina bakarra inposatzen, lehenesten, pribilegiatzen, beste guztiak ahulduz eta galbideratuz). Eta Espainiaren ezina, intelektualena bezala letragabeena, Espainia benetan federala onartzeko. Zer izan da Estatu moderno espainolaren sorkuntza Azurmendirentzat? : “Gurutzada basati bat, berdin erlijioso -erlijio laikoz orain-, berdin krudel eta suntsikor, berdin dogmatikoa. Eta XI., eta XII. mendeko gurutzadak gustuko ez baditugu, zergatik gustatu behar zaizkigu gurutzada liberalak?” Etorkizunari begira zer? Iruñean, 2015ean egin zuen hitzaldian esandakoa jasotzen duen Hizkuntza, Nazioa, Estatua liburuan (2017), esan digu independentismoa beste itxaropenik geratzen ez deneko azken esperantza dela, azkeneko soluzioa. Espainia eta Frantzia hain zentralista eta jakobino izango ez balira, beste planteamendu batzuk posible izan zitezkeen, benetako federalismo edo konfederalismoaren ildotik. Frantzia eta Espainiaren artean komunitate txiki diferentziatu batek bizirik irauteko separatismoa da salbabidea, Azurmendiren ustez. Bestela, estaturik gabeko beste nazio guztien bidetik joango da gurea ere andeatzen, desegiten eta desagertzen. Jakina. separatismoa ez da harremanik ez izatea, burujabetasuna baizik: “Ez-dependentzia Parisek eta Madrilek gure zeregin guztietan esku hartu behar horretatik. Ez-dependentzia Espainiako justizia zikin politikotik, Torturaren Barne Ministeriotik. Ez-dependentzia gure lana, ekonomia, hezkuntza eta osasunbidea erabakitzeko. Hoberena guretzat zer den geuk erabakitzea. Erantzukizuna geurea izatea. Ez-dependentzia, azken buruan” (116or. ). Ikusi berri dugu estatus politiko edo estatutu politiko berriari buruz zer adostu duten %80an, EAJ-PSE-Podemos gehiengo berriak, EAJ-EHBildu gehiengoak adostutako oinarri konfederalak bazterturik EAJk. Azurmendiren hitzek argitasun bikoitza hartzen dute. Egungo statu quo-ren bermatzaileak nola izango dira gauza hura hautsi eta beste bat, Euskal Herriarentzat demokratiko(ago)a izango litzatekeena abian jartzeko? Azurmendiri eskertu behar diogu historia eta politika eta beste gauza asko geure euskaldun begiz ikusteko egindako lana eta baliatzen saiatu. 10. Bigarren sexua 2019-12-21 Ugaria da oso, ikaragarri emankorra. Zenbat ideia dagoen zortziehun orrialde filosofiko-antropologiko-politikootan, bor-bor! Euskaraz ederki emanak. Noiz kontaera prosaikoa, noiz poetikoa. Irakurgai ederra jaiotarako. Hona lagin bat: "Mito guztien atzean, Subjektu bat dago bere esperantzak eta beldurrak zeru transzendente baterantz proiektatzen dituena. Emakumeek, Subjektu gisa agertzen ez direnez, ez dute sortu beren proiektuak islatzeko moduko mito maskulinorik; ez dute beren-berena den erlijiorik, ez poesiarik: gizonen ametsen bitartez egiten dute amets. Gizonek fabrikaturiko jainkoak adoratzen dituzte. Gizasemeek, aldiz, gizonezko figura apartak asmatu dituzte beren burua goraipatzeko: Hercules, Prometeo, Pertzeval; heroi horien destinoan, emakumeak bigarren mailako toki bat besterik ez du. Dudarik gabe, badira gizonaren irudi estilizatu batzuk, emakumearekin dituen harremanetan ikusia den aldetik: aita, seduktorea, senarra, jeloskorra, seme prestua, seme gaiztoa; baina gizonek berek finkatuak dira irudi horiek, eta ez dute erdietsi mitoaren gradua; klixe batzuk baino ez dira. Emakumea, aldiz, gizonarekin duen harremanean definitua da, eta horretan bakarrik (...) Zaila da beti mito bat deskribatzea; ez du onartzen ez harrapa dezaten eta ez muga dezaten; kontzientziei segika ibiltzen zaie, baina haien aurrean objektu finko bat izan gabe sekula. Hain da sigi-sagatsua, hain kontraesanezkoa, hasieran sekula ez zaio antzematen orobatasuna: Dalila eta Judith, Aspazia eta Lukrezia, Pandora eta Atenea...emakumea Eva eta Ama Birjina da aldi berean. Idolo bat da, neskame bat, biziaren iturria, ilunpeko indar bat; egiaren isiltasun oinarrizkoa da, artifizioa, berriketa eta gezurra; sendatzailea eta sorgina da; gizonaren harrapakina da, haren galgarria, gizona ez den guztia eta gizonak eduki nahi duen guztia, haren ukazioa eta haren izateko arrazoia (...). Emakumea lurra da, eta gizona, berriz, hazia; emakumea Ura da, eta gizona, berriz, Sua. Kreazioa askotan irudikatu izan da suaren eta uraren uztartze baten gisan; hezetasun beroak sorrarazten ditu izaki bizidunak, Eguzkia itsasoaren senarra da; Eguzkia eta sua jainko maskulinoak dira; Itsasoa, berriz, amaren sinbolorik unibertsalenetako bat. Inertea denez, urak izpi pindartsuen ekina pairatzen du, eta haiek ernaltzen dute. Nekazariak landuriko lurrak ere halaxe jasotzen ditu, geldi, bihiak ildoetan. Hala ere, ezinbestekoa da: hark elikatzen du hazia, hark ematen abegia eta mamia. Horra hor gizonak zergatik segitu duen emankortasunaren jainkosak gurtzen baita Ama Handia tronutik kendu eta gero ere; Zibeleri zor dizkio uztak, behiak, joritasuna. Bizia bera zor dio. Sua goresten duen bezala goresten du ura. "Aintza itsasoari! Aintza haren olatu su sakratuz inguratuari! Aintza uhinari! Aintza suari! Aintza abentura bitxiari", idatzi zuen Goethek Faustoren bigarren zatian. Ohore egiten dio Lurrari (...) Garai batzuetan, erromantizismo bitalista bat ere izan da. Bizia Espirituari gailentzea nahi zuena: halakoetan, lurraren, emakumearen emankortasun magikoa zoragarriagoa da gizonak prestaturiko operazioak baino; halakoetan, gizonak amets egiten du amaren ilunpean galduko dela ostera, han bere izatearen zinezko iturriak aurkitu nahian. Ama, hain zuzen, kosmosaren barrunbeetan sarturiko sustraia da, handik zukuak xurgatzen dituena; ur bizia ateratzen den iturria da, eta esne elikagarria ere bai, sorburu beroa, lurrezko eta urezko lohia, berritze-indarrez betea. Baina, gehienetan, gizona matxinatu egiten zaio bere kondizio haragizkoari; jainko tronugabetu gisa ikusten du bere burua: zeru argitsu ordenatutik amaren sabeleko kaos ilunera erori izana, horratx gizonaren madarikazioa. Emakumeak preso dauka lurraren lohian su hori, hats aktibo eta aratz hori, non gizonak bere burua aurkitu nahi baitu. Gizonak beharrezkoa izan nahi luke Ideia puru bat bezala, Bata bezala, Oro bezala, Espiritu absolutua bezala, eta preso dago gorputz mugatu batean, aukeratu ez dituen toki eta denbora batean, deitu ez dioten toki eta denbora batean, alferrikako, trabagarri, zentzugabe. Gizonaren izateari berari dagokio sufritzen duen haragizko kontingentzia, bere abandonamenduan, bere funsgabezia justifikaezinean. Kontingentzia horrek heriotzara ere kondenatzen du. Umetokian (hilobi bat bezain ezkutukoa eta itxia den umetoki horretan) sorturiko gelatina dardartiak hainbesteraino dakar gogora sarraskiaren likitsa, non gizona hotzikara batez apartatzen baita hartatik" (172-175 orr. ). 11. Azken adioaz gogoetan 2020-01-03 Gizarte kapitalista-indibidualista-kontsumista honetan, bi modu nagusi daude mundu honetako bizialdia amaitu duenari azken adioa egiteko komunitate hurbilean: hileta erlijiosoa edo zibila. Eta hileta erlijioso motak erlijio bezainbeste egongo dira, baina adio erlijiosoari dagokionez, gurean usadiozkoa den hileta-elizkizun kristau katolikoari lotuko natzaio, hori baita ezagun dudana. Berriki izan naizen hileta-elizkizunean, hiru apaizek eman dute meza, eta aldi jakinetan eta eginkizun jakinekin beste hiru laguntzaile zituzten alboan: arrosarioa, irakurketak, eta gainerakoak egiteko. Koruan, berriz, emakume-abesbatza, une tristea alaitzen, dena mundu honetan ez dela amaitzen iragartzen, hitz kantatuen bidez. Apaizek okasiorako Bibliatik hautaturiko hitzak berriz, San Joanen ebanjelioaren hasierakoak: “Hasieran bazen Hitza./Hitza Jainkoarekin zegoen/eta Hitza Jainko zen./Hasieran Jainkoarekin zegoen Hitza./ Gauza guztiak beronen bidez egin ziren,/eta egindakotik ezer ez da berau gabe egin./Hitzarengan zegoen bizia,/eta bizia gizakien argia zen; argi horrek ilunpetan egiten du argi,/baina ilunpeek ez zuten onartu.(...) Hitza zen egiazko argia,/mundura etorriz/gizaki guztiak argitzen dituena./ Munduan zegoen/eta, mundua haren bidez/egina izan arren,/mundukoek ez zuten onartu.(...) Eta Hitza gizon egin zen/eta gure artean jarri bizitzen./Ikusi dugu haren Jainko-aintza,/Aitarengandik maitasun eta egiaz betea/datorren Seme bakarrari/dagokion aintza.” Egia da hiletan, aldian behin, hildakoarekin izandako harremanaren hondarrak etortzen zitzaizkidala burura: irudiak, hitzak, eta egungo bestelako kontuak ere bai, baina gorago aldatutako San Joanen ebanjelioko hitz horiek badute hitz poetikoaren misterio-airea, eta lortzen zuten elizkizunari jantzi arranditsua, zerutiarra ematea. Sermoian, apaiz meza-emaileak esperantzazko hitzekin batean, eta egun sinesmena izatea zaila dela aitortzearekin batera -beti izan bide da zaila sinesmena izatea-, aletu zituen hildakoaren merezimenduak, eta haren fedea azpimarratu zuen. Emakume-ahotsezko koruak argi-hitzak eta itxaropen-hitzak ahoskatzen-xaramelatzen zituen bizkitartean... Elizkizun amaieran, eliz atarian, ohiko berriketaldiak hildakoaz, eta biziez. Sinesmen eta itxaropen handirik ez izanagatik bertaratuek -edo bai-, hurbileko komunitateak emandako sostengu erlijioso-humanista horrek segitzen du itzala izaten. Eta adio zibila? Bakanago gertatu zait partaide izatea. Gogoan iltzatuen dudanean, hitza eta musika izan ziren osagai nagusiak, eta, jakina, bertaratutako gizabanakoak, komunitate airean elkarri josiak ekitaldiak iraun zueino, nahiz asko ezezagunak izan batzuk besteekiko. Gehienetan, erraustu egiten da gorpua, eta errautsak zabaldu ere bai, baina garrantzizkoena oroitzapenak dira, eta hitzak, musikatuak edo errezitatuak. Ekitaldi zibilen hitzetan, ez ohi da erlijio-hitzek izan ohi duten transzendentzia itxura edo xederik, geroko esperantzarik; gehienbat iraganean partekaturiko momentuak, hildakoaren goresmenak eta haren oroitzapena atxikitzeko asmoak agertu ohi dira, eta erlijiosoak baino pertsonalagoak, interpelazio zuzenagokoak izan ohi dira, eta maiz hunkigarriagoak. Era batera edo bestera egin azken adioa, merezi du ez ahaztea gure bizitza pindar bat dela bi eternitateen artean, eta ohartzea komunitate hurbilekiko azken adioa erlijiosoki edo laikoki egin nahi dugun, pare bat gogoeta egitea ez dela alferrikakoa, biziaz ere, biziaren laburraz, kontzienteago izaten laguntzen digun heinean. 12. Hegoaldeko testuliburu gehienek ikuspegi espainola 2020-01-20 Halatsu dio J.M. Torrealdaik, Jakin-en azken alean. Ez da salaketa eta kezka berria, bestalde. 1996an, ale bikoitz monografikoa eta azterketa sakonean oinarritua eskaini zion gaiari Jakin-ek. Orduko ale hartan, esate baterako, honela zioen Imanol Murua kazetariak: Eusko Jaurlaritzak egin hezkuntz proiektuak, huts nabarmenak egiten ditu: Bat, euskara ez duela irakaskuntz hizkuntzatzat hartu. Bi, gureari lotuagoa: Euskal Herriari dagozkion edukien eskasia. Euskal Herria aipatu egiten da dekretuan, baina Euskal Herriaz ari denean zertaz ari den zehaztu gabe; eta zehazten duen kasu bakanetan, Euskal Herriko Autonomi Elkartea aipatzen du. Horrela, Euskal Herria bere osoan aintzat hartzen ez duten hezkuntz proiektuek arazorik gabe jasotzen dute Eusko Jaurlaritzaren onespena, Dekretuak ezartzen dituen oinarriak bete egiten baitituzte. Posible zen bestela jokatzea. Posible zen Curriculum Garapenerako Dekretua edukiz betetzea, eta euskal testugintzan ari diren Estatuko argitaletxeak Euskal Herriaren errealitatea aintzat hartzera behartzea. Baina ez zen egin. Katalanek edukiez bete dute historia eta bere naziotasunaren esparrua. Aukera galdu dugu guk, berriz diogu. (…) Oro har esan daiteke kanpoko hezkuntz proiektuek, batzuetan eskas eta gehienetan gaizki tratatzen dutela Euskal Herria bere historian, bere geografian, bere hizkuntzan. Legea beteko dute, zaila ere ez da eta, baina gure ikuspegitik tratu txarra ematen diote Euskal Herriari. (“Testuliburuak eta Euskal Herria” Jakin, 93-94. 1996. 20.or)) . Hogeita lau urteotan zer bilakaera izan du gaiak? Testuliburu ekoizleak bitan banatzen ditu J.M. Torrealdaik: bertakoak eta kanpokoak. Bereizketa horren funtsa honela azaltzen du: Bereizketa horrek xenofobiatik ez du ezer, baizik eta curriculum jatorritik. ‘Kanpoko/bertoko’, bestalde, ez da bereizketa geografiko hutsa, huskeria litzatekeena, baizik eta nork non duen erabakigunea, zertan eta hezkuntza kurrikularrean. Motzenak ere garbi ikusten du gai horren garrantzia. (“Euskal liburugintza 2017” Jakin, 235, 113or.) Jarraian, taula batean jasotzen ditu azken urteotako emaitzak hamar argitaletxe nagusien artean, hots, ekoizle nagusien pisua irakaskuntzan: Urtea Bertokoak Kanpokoak Gainerakoak 2013 35,0 65,0 0,0 2014 27,0 69,0 4,0 2015 31,3 61,4 7,3 2016 24,0 73,0 3,0 2017 34,7 58,7 6,6 Eta datu objektiboen analisitik interpretaziora iraganik, iritzi hau plazaratu du: Egun, lehengo lepotik dut burua. Denborak aurrera egin ahala egoera okertuz doala pentsatzen hasita nago. Gure eskoletan zabaltzen diren testuliburu gehienek suposatzen duten hezkuntza propioaren balio politiko, historiko eta kulturalen erosio edo higadura ez da moteldu, kontrara baizik. Gainera, azken urteotan edukiak aukeratzeko autonomia ere gutxitu egin zaigu: sozialisten LOEk (2006) edukien %55 estatuaren esku utzi zituen; gehiengoa, hortaz. PPren LOMCErekin egoera okertu egin da. Wert jaunak, «hay que españolizar Cataluña» esan zuen jaun berak, aipatu legearen bidez edukien %75 uzten du estatuaren eskuetan, eta gure eskuetan %25. Eta sozialisten agintearekin, Isabel Zelaa Hezkuntza ministroa euskalduna delarik ere, berdin: zerumugan ez da aldaketa positiborik atzematen, kontrara baizik. Hori da Wert legea eta horiek dira joko arauak. (Jakin 235, 117or.) J.M. Torrealdairekin partekatzen dudan kezka beretik egiten ditut galdera hauek: 1. Madrilen gobernu berria eta Eusko Jaurlaritzan estatus politiko berrirako eztabaidan PNV-PSE-Podemos alderdien bat-etortzea hautematen delarik, onerako aldaketarik aurreikus liteke hezkuntza-dekretuetan?, ala kontinuismoa? 2. Zein testuliburu hautatu erabakitzen den klaustro edo Kontseilu edo direnak direlako erabakiguneetan, nolatan irabazten dute kanpokoek gehienetan? ; jakin-iturri fidagarrietatik jaso dudanez -ez dut daturik-, eskola publikoetan ez ezik itunpeko ikastoletan ere? Hobeki “saltzen” dituzte kanpoko argitaletxeek?, merkeago plazaratzen dituzte ikasmaterialak euren merkatua estatala izaki? Irakasleei ikasmaterial moduan egokiagoak iruditzen zaizkie kanpoan egindakoak bertan egindakoak baino, ikuspegi espainola gorabehera? 3. Nola aldatu hezkuntza-dekretua bezala erabakiguneetako erabakiak?, eta nola ziurtatu iraganaren transmisioa belaunaldi berriei euskal ikuspegitik eta ez espainiar ikuspegitik? Euskal Autonomi Erkidegoaz dihardugu. Nafarroako Foru Erkidegoan egoera ez da hobea, eta Euskal Hirigune Elkargoan ere ez. 13. El conquis: ikurrina eta gaztelania 2020-04-09 Badaukat lagun katalan bat, katalanista. EAEn asko, eta seguru asko Nafarroan ere, eta Errioxan eta abar dezente ikusten den “El conquis” programa maiz aipatzen dit. Horko balentria epiko, eta emozio liriko eta sesio komiko-dramatikoez gainera, beti salatzen dit bi oinarri dituela Katalunian onartuko ez liratekeenak. Zuzeuko irakurleari ez dago aipatu beharrik ere zein diren: ikurrina eta gaztelania. Berak dio Katalunian ez lukeela horrelako arrakastarik izango estelada eta gaztelania horrela lotuko lituzkeen programa batek. Sekulakoak eta bi egin, lokatzetan txerriak bezala iraulkatu, kasu, eta zein da sari preziatua? Ikurrin handia, harro-harro eutsirik lau haizetara astintzen duena talde garaileko kapitainak. Proba guztietan. Garrantzi handiko ikurra, beraz. Ala oihal folklorikoa?, ala iparretar batek batere konplexurik gabe programari ezarriko liokeen espainol izenondoa estaltzeko? Programaren bigarren zutabea gaztelania da, izaera ezberdinak dituzten partaideak elkarrekin harremanetan jartzeko, hots, elkarlanean taldean eta beste taldeekiko lehian aritzeko, ezinbestekoa guztiz. Lehiatik kanpo, telebistaren platoan egiten den debate edo hausnarketa eta iritzi trukean zer esanik ez! Jakin dezakezu euskara eta frantsesa, edota euskara eta ingelesa edota beste edozein hizkuntza; gaztelaniaz ez badakizu, jai duzu, eta gaztelaniarekin aski. Frankismoan guztiz debekatua zela, euskal erresistentziaren ikur nagusietakoa zen ikurrina altxatzen du aipatzen dihardugun programa honetan ere, harro-harro, gainerako taldeekiko lehian garaile atera den taldeko kapitainak, baina ez du zerikusirik frankismo garaian ikurrinak zuen balio nagusiarekin, hots, erresistentziarekin. Bai, okerragoa izango zen bandera gorri-horia altxatuko balute, garaile gertaturiko bakoitzean, baina nire lagun katalanak arrazoi guztiz behin eta berriz esaten didan bezala, EAEko herritarra izateko ikurrina garrantzizkoa den bezala, gaztelania ere oso garrantzizkoa dela adierazten du programak egitateekin, eta euskara, ez; bakarrik, “egun on”, eta “bat, bi, hiru” eta horrelako klixe batzuk esateko, eta ez besterik, balio sinboliko edo folkloriko huts bat baino ez du euskarak programa horretan, jakina den arren partaideetako asko elebidunak direla. Orain hasten da benetan artikulu honen gaia, orain artekoa nahiko bistakoa baita, bistakoa bezain esanguratsua eta adierazgarria. Nork erosi eta lau haizetara zabaldu du ETB2n 2005az geroztik, hamabost urteotan, Globomediaren euskal filiala den Hostoil ekoizpen etxeak ekoitzitako programa? Bistan da aginte publikoek. 2005ean, ikurrina eta euskara ardatz zituela hasi balitz programa hori, ez al zen programa garrantzitsua izango euskararen normalizaziorako eta euskal gizartearen kohesio hizkuntza gisa finkatzen joateko Euskal Herrian? Entzuten ari naiz, ez zen egun bezain arrakastatsua izango ikusleen kopuruari dagokionez. Ados, baina bere ekarpen baliotsua egingo zuen.Nire iritzian, lehenik, aginte publikoek dute erantzukizunik handiena; herritarrek egindako ongietorria eta onarpena ahaztu gabe. Noiz izango dugu ikusterik Munduaren amaieraren konkistatzailea programa, euskara eta ikurrina ardatz ezinbesteko dituela? 14. Katalonski-Euskalonski eta Vascos por el mundo 2020-04-15 Ez narama programa hauek aipatzera turismoa bultzatu nahiak bereziki, noiz eta koronabirusaren krisiak gogor kolpatu duenean turismoaren arloa, baina turismoarekin batera beste zera batzuk ere lantzen dira programa horietan axalkiago edo sakonxeago, kasu, nortasun jakin bateko giza-taldeen iritziak, zaletasunak edo herriminak, eta horretxegatik hartzen ditut artikulugai telebista publikoetako programa horiek. Euskalonski Kataluniako TV3 kateko Katalonski saioan dago inspiratua -hala deitze diete poloniarrek eta hainbat eslaviarrek katalanei-. 2018ko apirilean hasi ziren ematen Katalunian, Halldór Már musikari islandiar katalan berriak aurkezturik -Bartzelonara duela 25 urte iristean, ez zekien katalanik bazenik ere-. Katalana ikasi duten 12.000 atzerritar inguru omen daude munduan, eta programaren xedea zen haiek elkarrizketatzea eta haiek katalana zergatik ikasi duten azaltzea, katalanen baitan katalan izatearen harrotasuna txertatze aldera. Euskalonski programaren xedea ere antzekoa da: batzuetan, euskara ikasi duten atzerritarrak azaltzen dira, haiek izan duten motibazioa euskara ikasteko, eta beste batzuetan, aldiz, atzerrian bizi diren euskaldunak mintzo dira, lanagatik edo maitasun harremanak tarteko aberritik urrunduak bizi direnak eta gehienetan itzultzeko asmoa dutenak. Pello Reparaz arbizuar musikari-konpositore eta ekoizlea da aurkezlea, eta lortzen du erraz eta atseginez eta jakin-minez ikusten den programa burutzea. Audientzia-datuei dagokienez, Katalonskiren bigarren programa 390.000 katalanek ikusi omen zuten, pantaila-kuotaren 17,5ek, eta, oro har, 318.000 ikusle eta kuota 13,7koa izan omen du. Kataluniako hizkuntza-politikak sustatu du, besteak beste, eta katalan ikuspegitik programa egokia izan da katalanaren zabalkunderako. Euskalonski programara etorriz, Bruselako euskaldunei eskainitako programan lortu zuen ikusle kopuru handiena eta pantaila-kuota gorena: 20.000 ikusle eta %3ko kuota (euskaldunen artean %10,7) hurrenez hurren. Eta, oro har, 12.000ko ikusle kopurua izan du, eta %1,8ko kuota. Audientzia-datuetan aldea nabaria da, katalan-hiztun eta euskal-hiztunen artean dagoen bezala, eta kontzientzia aldetik ere hortxe nonbait, euskal eta katalan hiztunen artean. Esan bezala, ikusteko atsegina gertatzen da eta euskaldun izatearen harrotasuna sentiarazteko aproposa da. Pena da ikusle kopurua handiagoa ez izatea. Arrazoiak ugariak izango dira, baina, oker ez banago, ez du ikusle kuota kaskarra beste programa batzuekin alderaturik. Vascos por el mundo ere, 2018an hasi zen. Segur aski Españoles en el mundo programan eta/edo Ces français du bout du monde-n (TV France) inspiratuko zen. Gaztelaniaz; xedea du agertzea euskal herritarrak -ematen du gehienetan euskaraz ez dakitenak agertzen direla; ez dago zertan jakinik ere programa horretarako!- zergatik joan diren atzerrira bizitzera eta ea herriminik baduten galdetzen zaie, zeren hutsunea nabaritzen duten... Programa arina da, fribolo antza, kaskarin-txolina zenbaitetan, eta euskaltasun folklorikoa edo geografikoa edo gastronomikoa agertzen da gehienbat. Ahaide eta lagunen hutsunea nabaritzeaz gain, hemengo mendi, hondartza, eta janariak dituztela eskas adierazi ohi dute, eta beren lurralde historikoko futbol taldearen oso zaleak agertu ohi dira sarri askotan. Audientzia-datu txarrak ez ditu, kopuru altuena Miamiri eskainitako programak lortu zuen 229.000 ikuslerekin eta %10,9ko pantaila kuotarekin, baina, jakina, gazteleraz. Euskal ikuspegitik mintzaturik, baliabide publikoak Euskalonski programara edo haren hurrengora bideratu behar dira, prime time ordutegian kokaturik, eta komeni da programa hori gero eta gehiago Euskaldunak munduan bilakatzen joatea bi xedeak nahasiz; batetik, euskara ikasi duten atzerritarrak elkarrizketatuz, eta, bestetik, atzerrian bizi diren euskaldunen berri emanez eta euskaldunon konplexuak uxatzen laguntzea; Españoles en el mundo-k edo Ces français du bout du monde-k egin ohi duten bezala, eta era berean, euskaldunok leialtasuna agertzea programaren audientzia-datuak hobetuz. Ez al litzateke horixe euskal telebista publiko baten ikuspegi eta jokabide koherenteena, audientzia-datuen mende ibili gabe beti? 15. Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Joxe Azurmendi. Jakin. EHU (2020-06-29) Ez da euskal pentsamenduaren historia baizik eta izenburuak dioen bezala, pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Euskal Herriko Unibertsitatea Euskal Unibertsitatea ez den arrazoi beragatik. Interes puntu asko ditu, esaterako, Espainiako Inkisizio famatuaz dioena ondo gogoan hartzekoa da: Inkisizioa estatuaren tresna politiko-poliziala da, Elizari maileguan hartua, eta, Euskal Herri foralean adibidez, erregeak bestela ezingo zituen moduetan Elizaren bidez interbenitzea zilegiztatzen zuen. Bera izan da gizartea kontzientzien barneraino kontrolatzeko eta eskulotzeko estatu modernoaren baliabide efikazena. Espainietan XIX. menderaino jardun da eginkor (68 or. ). Eta badakigu Joxe Azurmendi ez dela ondorio horretara iritsi, sofan gora begira egonda, edota bere buruarekin bakarrizketa aspertuan, baizik eta gaiari buruzko bibliografia serioa irakurri, aztertu eta ondo hausnartu ondotik. Bigarren partean, besteak beste, deigarri gertatu zaizkit espainiar liberalismoaz adierazten dituen iritziak. Eskolan, unibertsitatean, prentsan, hedabideetan oro har, beti famatu izan digute liberalismoa, hura aurrerapenarekin lotuz, eta karlismoa eta tradizionalismoa atzerapenarekin eta dogmatismo atzerakoiarenarekin. Dogmatismoak Jainkoan eta lurrean haren ordezkari ziren Aita Santu eta erregean sinesten zuen, eta aurrerapen liberalak herriaren subiranotasunean. Baina, benetan, espainiar liberalismoak herriaren subiranotasunean sinesten al zuen? Hasteko eta behin, frantsesen aurkako altxamendu nazionalean Elizak rol garrantzitsua jokatu zuen (hierarkiak bereziki, baina herrietako apaizen ere bai). Eta harrigarria badirudi ere, Cadizko Gorte Konstituziogilera Cadizko gotzain A. de Vera Delgadok deitu zuen, eta bera izan zen Batzorde Zentraleko presidente. 308 diputatutatik 97, kasik heren bat, talderik handiena, Elizako jendea zen (sei gotzain, 46 kalonje); militarrek eta funtzionarioek elkarturik, beste 97 osatzen zuten, juristak 60 ziren. Batzar konstituziogileak elizetan egiten ziren, eta mezarekin eta Espiritu Santuaren laguntza eskearekin hasten ziren beti. Frantzia erlijiogabearekin gerran, Espainiak erlijio katolikoa patriotismoaren osagarri ezinbesteko bihurtu du. Betidanik ere katolizismo espainolak (mendez mende mahomatarren aurka, protestanteen aurka, orain frantsesen aurka) historia eta izaera partikularra zizun. Honek denak Konstituzioan bere marka utziko du (277 or. ). Cadizko Konstituzioaren atariko gisa, artikuluen aurretik, honela irakur daiteke: En el nombre de Dios todopoderoso, Padre, Hijo y Espiritu Santo autor y supremo legislador de la sociedad. 12. artikuluan: La religión de la nación española es y será perpetuamente la católica, apostólica, romana, única verdadera. La nación la protege por leyes sabias y justas, y prohibe el ejercicio de cualquier otra. 366. artikuluan: En todos los pueblos de la Monarquía se establecerán escuelas de primeras letras, en las que se enseñará a los niños (...) el catecismo de la religión católica, que comprenderá también una breve exposición de las obligaciones civiles. Arrazoizkoa da hona aldatu ditugun adierazpen horiek irakurrita, honako konklusio hauetara heltzea: Liberalismo espainolaren bitxikerietako batzuk biluz-biluzik ageri dira. Herriaren subiranotasuna adierazi behar zuen testuaren oinarrian <<supremo legislador de la sociedad>> Jainkoa aitortzen da. Konfesionala da: orain eta beti katoliko; are, teologiko dogmatikoa da (<<única verdadera>>), betiko intolerantzia espainolaren deklarazioa da (<<prohibe el ejercicio>>), katiximaren eta obligazio zibilen begizta tradizionalarekin (281-282). Hala eta guztiz ere, Frai Casimiro Diaz Acevedo frantziskotarrarentzat, esaterako, Cadizeko Konstituzioko adierazpen katoliko dogmatiko horiek guztiak jende inozoa engainatzeko amarruak baino ez ziren: se ha disfrazado de católico (...) Este terrible monstruo no podía con su concepto presemtarse a la faz de nuestro Católico Reyno con toda la deformidad, fiereza y malignidad que le es esencial y era necesario que su política infernal la cubriese y hermosease con velo brillante (...) se trata de la persecución más terrible contra la Iglesia y el Trono de España de toda la historia (...) más que bajo los emperadores romanos y los mahometanos. Hau da: Konstituzioa deabruaren azken asmakuntza da kristautasuna deuseztatzeko. Bai, XIX. mendeko kontuak, eta espainiar liberalismoaren hasierakoak, esango dute batzuek. Gero, denborarekin, gauzak bere onera etorri dira, hots, demokraziara eta zuzenbide estatura. Bai noski!, horixe adierazten digute berriki Katalunian izandako gertakariek. Luziferren asmazioa orain autodeterminazio eskubidea galdegitea da, Espainia zatiezina zatitzeko arriskuaren atea irekitzea, atea irekitzea bera soilk, hots, espainiar demokrazia katoliko dogmatikoa! Batzuek gauza batzuk azpimarratuko dituzte liburu honetan, eta beste batzuek bestelakoak. Behin eta berriz irakurtzea merezi duen liburua, nolanahi ere! 16. Geure burua eta herria deskolonizatzeko premia. 2020-08-25 Vicent Partalek Vilaweben berriki, Kataluniarako edo katalan herrialdeetarako diskurtso antikolonialistaren premia aipatu du. Espainiar armadak 1898an azken koloniak galdu ondotik, agintari espainiarrek -militarrak nagusi zirela- barneko nazioen kolonizazioari ekin zioten, eta ildo beretik, Marokoren konkista militarra eta kolonizazioa giltzarri izan ziren 1936an Espainian gerra sutzeko. Horrenbestez, nahiz eta Europan estatuen barneko nazioen diskurtso antikolonialistak baztertu egin ohi diren eskuarki, interesgarria izan liteke diskurtso horri ekitea deskolonizazioa lortze aldera. Kataluniatik Euskal Herrira etorririk, gurean espainiarrek eta frantsesek kolonizatuak gaudelako salaketa eta kontzientziazio ahalegina iragan mendeko 60ko hamarkadakoa da oker ez banago, Krutwig, E. Lopez Adan “Beltza”, Txillardegi eta Joxe Azurmendi aitzindari izan genituela. Berrikiago, gogora bedi Xabier Letek nola kantatzen zigun gure morrontzak aurpegi asko dituela. Gauden garaira etorririk, zer-nolako aurpegiak erakusten ditu kolonizazioak egun? Laburkiro kolonizazio kulturalaz arituko naiz, ez ekonomikoaz edo politikoaz. Batetik, espainiar hizkuntzak eta kulturak mesede egiten digute -frantses hizkuntza eta kulturarako ere balio dezake hein bertsuan-, jende eta kultura askorekin harremanetan jartzeko aukera ematen digute. Ahozko harremanak izateko, eta letren bitartez mundu zabal batera irekitzeko posibilitatea, baina, aldi berean, bestetik, euskaltasunari azpia jaten diote, gure hizkuntza eta kulturari dagokiona murriztuz, mehetuz eta argalduz. Irudi geometrikoak datozkit burura, euskarak biribil ttipi bat hartzen duela bi globo handiren baitan eta artean. Kolonizazio naturalizatutik gatoz. Gurasoek esaten ziguten ikasteko, formakuntzari esker lortuko genuela-eta bizimodu itxurazkoa. Horretarako, gaztelania genuen bitarteko, ez euskara, eta gure aurrekoek ez zuten zalantzan jartzen; beraiek ez zuten eskolatzeko kasik aukerarik izan, ez gaztelaniaz eta are gutxiago euskaraz. Gazteagoek euskara eta ingelesa ere badituzte kultur bide, baina gaztelaniarekin batean, eta ikus-entzunezkoetan jarraitzen du gaztelaniak nagusi izaten haien kasuan ere, gehienbat. Nik uste kolonizazio naturalizatuaren alderdi arriskutsuena horixe dugula: menpekotasun kulturala. Hortik askatzeko, lehenik, aitortzea dugu ezinbesteko, hots, prentsa, liburuak, ikus-entzunezkoak gaztelaniaz kontsumitzen ditugula gehienbat, euskarazko eskaintza urriagoa delako, besteak beste, eta horrela, euskal nazio kulturala flako eta kaskar atxikitzen dugula. Erakunde publikoek ardura handia dute euskaraz dastatzerik eta kontsumitzerik ez daukaguna eskaintzeko bideak jorratuz -beste artikulu baterako lana litzateke zerrenda bat egitea, eta talde-lana balitz hobe-, eta geuk ere badugu zeregina, euskarazko produktu kulturalak galdeginez eta kontsumitzen enplegatuz. Hori egin liteke menpekotasun politikoan murgildurik gaudela? Samurra ez izanagatik, egin beharra dago geure kultura xumea aintzat badugu, eta askatasun politikoa ezertan badugu. Norbaitek esango dit kultura guztiak bateragarri eta elkarren aberasgarri direla, baina gutxieneko askatasun eta independentzia kulturalik gabe, kate kulturalak gailentzen eta egonkortzen zaizkigu. Diskurtso deskolonizatzailea eta praktika deskolonizatzailea, biak ditugu premiazko, geure buruaren eta herriaren deskolonizazioa xede ditugula. Geure burua eta herria deskolonizatzeko premia. 4. partea: Covid-19aren ondoriozko konfinamendukoak 1. Koronabirusaren beldur antzean! 2020-03-16 Ez dugu holakorik ezagutu gehienok. Gure aurrekoei entzun bai gerrako kontuak eta gose-urteetakoak (1940-1941), baina ikusten ez den birusagatik garbitasuna areagotzea, jende kopuru handiak saihestea, lanagatik edo janari edo sendagaiengatik ez bada, etxean gelditzea, establezimenduetan distantzia gordetzea, eta musu eta esku emate eta holakoak ekiditea gauza berria da, inoiz ikusi ez duguna eta inoiz egin gabea. J.M. Pastorrek Berria egunkarian plazaratu du Camusen Izurria irakurria dugunok egunotan gogoan erabilitakoa: Orango izurritea, eta bereziki nobelako protagonista nagusia den Bernard Rieux mediku kronikagilearen ahoz Camusek liburuaren amaieran adierazia: izurri garaietan ikusten da gizakiak mirestekoa gehiago duela mespretxatzekoa baino. Ez da ahaztu behar, bestalde, naziek Frantzia okupatua zutela idatzi zuela Aljerian jaiotako frantses idazleak liburu hori -kazetari gisa nazien aurkako erresistentzian aritu zen-, eta alegorikoki, erregimen naziak frantses gizartean sortutako izurrite moralaz ere ari zela, osasun larrialdiaren estalkipean. Jeneralean, gure mendebaldeko gizarteotan, txoro-txoro bizi ohi gara aisialdian gutxiz gehienok: bazkaria hemen, kirol ekitaldi edo ikuskizunen bat han; horra edo hara bidaiatzen dugu edo bidaiatzeko pozean izaten gara; eta bat-batean hara non datorkigun Ekialde urrunetik, Italian barna, Gasteizera eta euskal herri guztietara lastertasun handiz mehatxu hedakor ikusezin hau, seriotasun airea ekarriz gure burmuinetara. Nahiz eta norberak osasun ona izan, eta horregatik norberaren beldur handirik ez, kontziente gara nornahik noiznahi istripuren bat izan dezakegula eta osasun-etxeak gaixoak ezin artaturik egon daitezkeela koronabirusagatik. Ideia hori zabaldu da, eta ardura komunitarioa berpiztu digu. Geure nartziso buruaren oskola pitzatzera ere etorri da koronabirusa, eta bizitzari seriotasuna eranstera, egoera ohiz kanpokoetan bezala. Eta alde makurrak? Lehenik, gaixoei eragiten dien sufrimendua eta haien zaintzaile eta ahaideei ere. Bigarrenik, osasun arloko langileek arrisku eta zama benetan astuna bizkarreratu behar dute, eta ez diegu merezi bezala eskertzen, inola ere. Beste hein batean, agintarientzat ere, estres handiko egunak bizi beharrean suertatzen dira eta. Hirugarrenik, denok dakigu horrelakoetan aprobetxategiek beren negozioak egiten dituztela; beti dago jendea laguntzea zer den ez dakiena, baina egoeraz aprobetxatzea bai. Azkenik, eztabaida politiko halamoduzkoa ere sorrarazi du: horrelako egoera ohiz kanpokoetan Txina bezalako alderdi politiko bakarrekoek beren eskumeneko lurraldean jokatu ohi duten bezala jokatu behar al da mendebaldeko demokrazia burgesotan? Txina eredu, eta Italia kontraeredu? Neurri drastikoak goitik hartuz ala herritarron ardura aktibatu eta indartu behar da nagusiki, neurri zorrotzak baztertu gabe? Eztabaida horretan katramilaturik ginela, Espainiako gobernuburua agertu zaigu hedabide guztietan esateko izurriak Espainiako estatuan ez duela autonomien arteko bereizketarik egiten, ez dagoela Kataluniako eta Euskadiko naziorik, eta estatu zentralista bati dagokionez, larrialdiari aurre egiteko aginte bakarra jarriko dela indarrean. Politikak ez du zirrikitu askerik ezagutzen; estatuaren jabe denak agintzen du eta kito. Politika zentralista gorabehera, koronabirusaren izurria eta harekin batera beldurra hasi baino egin ez diren egunotan, ederrena izango litzateke izurriaren amaieran, Albert Camus idazlearen Izurria liburuko Bernard Rieux mediku-kronikagileak bezalatsu, baieztatzeko moduan egotea gizakiok mirestekoa gehiago dugula mespretxatzekoa baino, komunitate sentimendu solidarioa gailendu delako gure egoismo indibidualaren gainetik. Oroimenera ekarri dugun liburua izurria gainditu ondoko festarekin amaitzen da, baina ohar honekin: edozein momentutan aktiba daiteke berriro ere izurriaren birusa. Geurean dugu eta ez dakigu noiz arte! 2. Konfinamenduko gogoetak 2020-04-13 Apirilak 11 ditu. Utretchen edo Leipzigen, jendea kalean ibil daiteke, umeak ere bai; hemen ez. Txakurra baduzu -zelako desfileak egunotan, era guztietako txakurrak; inoiz baino maiteago lau hankako txakurrak, inoiz baino abandonu gutxiago!-, edo erosketak egitera bakarrik, edo lanera eta kito. Atzo irakurri nuen Berrian, Utrechen bizi den tolosar batek zioena: “...kalera irten gaitezke. Kontzientzia zibilaren esku utzi dute nola jokatu erabakitzea. Hala ere, ez dabil inor kalean”. Gaur bertan Leipzigen bizi den lagun batek: “Jendea binaka edo taldetxotan dabil. Etxe berekoak badira normal dabiltza eta bestela tarte handixeagoa uzten dute, 1,5 metro. Baina, orokorrean, jendea ikusten da bizikletan, belazeetan etzanda...alde handia dago horkoarekin alderatuta. Helduenak zainduago daude, nik uste”. Ba, bai, alde ikaragarria dago! Hemen, Espainiako erresumaren menpeko Euskal Autonomi Erkidegoan edo Nafarroako Foru Erkidegoan, umeak etxean eta helduak ere bai, salbuespenezko irteeratxoak salbuespen. Kutsatuen eta ospitaleratze eta hildakoen emaitza kaskarragoak ote dituzte Herbehereetan eta Alemanian? Ez. Alderantziz. Non dago desberdintasuna? Kontzientzia zibikoan? Kontzientzia zibikoa indartzeko askatasuna ezinbestekoa da, eta eskubideekin batera betebeharrak ere baditugula sentitzeko, eta praktikan jartzeko ere. Kalera atera eta ertzainek edo udaltzainek gelditzen banaute, edo horren beldur banaiz, eta horregatik konfinatuta bizi banaiz, nirea ez da hautu librea, behartua baizik, eta horrenbestez ez dut ez meriturik eta ez errurik, agintarien mendeko txotxongilo bihurtzetik gertu naiz edo bilakatua nago. Bai, baina, entzuten ari naiz, elkartasunagatik, komunitate solidaritateagatik, etxean geratu behar da: gera zaitez etxean! Gero hedabideetan txalotu egingo dute gure jarrera. Ez da txalotzekoa, ez baita librea. Txalotzekoa da Utrechen edo Leipzigen, libertatea izanagatik libertate hori arduraz erabiltzea, baina horretarako askatasuna ezinbestekoa. Aginte handiak (Espainiako gobernua eta botere faktikoak) konfinamendua manatu zuen, eta erresumako autonomia guztietan, etxean konfinatuta. Aginte txikiak, hots, Eusko Jaurlaritzak ekonomia ez gelditu nahi, osasun eta ekonomiaren arteko sokatira; disidentzia neurri gogorragoen alde, Txinakoen, azkar gainditzeko pandemia. Kontua da hilabete dugula jada etxean, lau pareten artean errenditurik ezinbestean. Eta ez jakin noiz bigunduko diren manu zorrotzak. Eta askatasunik gabe, kontzientzia eta ardura zibikoa ere oso maila beherean. Oro har, agintariek ez-heldutzat gauzkate herritarrak. Hondakinen gaian atez atekoa inposizio onartezina zen -zoritxarrez, borroka politiko okerrenerako aitzakia eta bazka-, eta askatasunean erakutsiko genuen gure kontzientzia zibikoa. Baina gezurra zen, zeren erraustegiaren proiektua jada onartua eta aurrera ematen hasia zen eta egun jada hastear da, herritarren kontzientzia zibiko bikainera apelatzea amarrua eta tranpa baino ez zen. Politika txarra, eta denok pairatuko ditugu politika txar horren ondorio tamalgarriak. Oraingo krisi sanitarioan alderantziz; askatasuna ia erabat moztera jo da. Bakarka ibiltzea paseoan edo korrika debekatua. Ume txikiekin banaka ateratzea debekatua. Mendira joatea debekatua. Autoan desplazatzea ere bai, nahiz inori kalterik ez egin. Hedabideetan bonbardaketa, etxean gelditzeko eta etxean gelditzeko. Eroa nintzateke bakoitzak nahi duena egitea aldarrikatuko banu. Ez. Erabilera arduratsua eta solidarioa errebindikatzen dut. Baina askatasun gehiagorekin. Bestela betiereko umetzat hartzea da gu, herritarrok, agintariek hedabide eta polizien bitartez leziatu eta askatasuna ukaturik, azenario pozoitsuarekin kontentaraztea, azkenean txotxongilo bilakaraziz. Isuna merezi duten jokaerak isunekin zigortu -baita hondakinak nolanahi ateratzen dituztenak ere-, baina herritarrengan uste gehiago izan behar du agintariak -aginte handiak aginte txikia nola irensten duen ere, ezin argiago ikusi dugu egunotan-, askatasun gehiago gero eta kontzientzia zibiko hobea izan dezagun. Ez gara umeak, ume gisa tratatuak izateko! Nola aterako gara honetatik?, lehengora itzuliko ote gara asko baino lehen ala ezer ez da lehen bezalakoa izango? Ez dut esperantza handirik gauzak hobera edo asko aldatuko direnik. Ez litzateke txarra ipartarrago bilakatzea, eta, besteak beste, hemengo aginte txikiak aginte handira jotzeko apustu ausarta egitearekin batean, gizabanakoen eskubide-betebeharretan eta konfiantza zibikoan ere gora jotzea. 3. Tristuraren lainopean, Udaberriaren zain! 2020-04-20 Tristeziaren lainopean gabiltza gutxiz gehienok hilabeteko etxealdia igaro ondotik, egoerak iraungo duela jakinik, eta zenbat luzatuko den ez dakigula. Natura dabil bakarrik betiko antzera: zuhaitzak loretan, zelaiak ere bai, basoak ederrak... Badakigu batzuk aspalditik bizi direla behe-laino itxi-itxiko egoeran, mila miseria tarteko: langabezia, seme-alabak arazoak eskolan, kalean, genero indarkeria...; aspalditik, ostarte gutxiko laino itxian murgildurik. Neguan. Askori, ordea, aldi honetan sartu zaizkigu laino boladak garunean, gorputz-junturetan. Udaberrian udazkena! Osasunaren kezkak, lehenik. Inguruko norbait, edo norbera, osasun pattalaldian, eta arazoak hurbilenen berotasuna jasotzeko edo emateko. Norberaren osasunaren beldurra, maite dituzun pertsonena. Udazkena bihotzean! Heriotza tristeak zahar-etxeetan eta. Gaixoen artan dabiltzanak egun luze eta astunetan katramilaturik, akiturik eta amorraturik aldi berean, hitz ederrak bai, eta txalo batzuk ere, baina benetako laguntzarik ezean, sarri askotan. Udazken-neguan udaberrian! Lanaren eta diru-iturriaren arrangura, bigarrenik. Aldi baterako erregulazioan direnena, diru-sarrerarik gabeko autonomoena, eta denok ere, murrizketen beldurrez, prekariotasunean edo eskasien aroan sartzear bezala, etorkizunaren zalantzaren laino mardula dugula aurrean, dorpea, astuna, ostarte zirrikitu gutxikoa. Aurrez pentsatuak genituen ilusiotxoak bete ezinaren tristezia, hirugarrenik. Harako kontzertu, horrako ekitaldi, honako bidaia; harako plan polita, ostarte sortzailea histu izanak eragindako behe-lainoa, lanbroa, gandua! Lanbropean geure baitara bildurik, gure bizi-indar eta itxaropen eta harreman benetakoak zein diren hausnartzera etorririk, funtsezkoena nabarmentzera, atxikitzera. Egoera zenbat luzatuko den ezjakinean. Lanbroa garbitu eta ostarteak hedatzean, zer etorriko den, zer ekarriko dugun ezin sumaturik, funtsezkoenera bildurik. Hedadura aurrerago, egun bildurik geure baitara, tristuraren lainoa nagusi dugula! Udaberriaren zain! 4. Covid-19a: iraultzaren akuilu? 2020-08-17 Oso presente segitzen du gure bizitzetan birus malapartatuenak -gainerako birusek, gripearenak eta beste, ez gaituzte kezkatzen-, eta hausnarketa koxkor bat eskaini nahi diot pandemiaren azken hilabeteetako bilakaerari gurean, jakinik ez dudala gaitzaren sorrerari buruzko konplotik argituko, ez eta txerto eraginkorra edo txertoak lortzeko zenbat itxaron beharko dugun ezagutzera emango ere -Errusiak erregistratu du lehena, baina oraingoz OMSk baliozkotu gabea!-. Iragan martxotik ekainera bitartean, inoiz bizi izan gabeko egoeran bizi izan gara. Gure ekonomia eta lana, eta gure kontsumo- eta bidaia-gizartea eta gure harreman sozialak-eta bat-batean gelditu egin ziren, ospitaleek gainezka egin zuten, eta harreman digitaletara murriztu beharrean gertatu ginen. Ezin etxetik atera kasik, ezin aldameneko herrira joan, are gutxiago ondoko lurraldera, ezinago atzerrira. Egoera guztiz ezohiko horren aurrean esaten genuen: honek derrigor ekarri behar ditu aldaketak, eta oroz lehen, geu aldatuko gara geure ohitura eta balio eta lehentasunetan-eta. Ikasi genuen horrelako larrialdi egoera batean, estatuak hartzen dituela agintearen brida guztiak, eta Espainiako estatuan autonomi erkidegoak Alemanian landerrek dituzten eskumenen azpitik gelditzen direla, EAE eta Nafarroa barne -Frantzian zer esanik ez-. Balio izan digu administrazioan euskarak bizi duen egoera kaskarraren berri izateko ere, goi karguetatik hasita: gaztelaniaz bakarrik edo gehiena gaztelaniaz, eta euskaraz hitz-totelka. Ekainetik uztailera gauzak normaltzen bezala hasi ziren, salbu eta maskaren erabilera gero eta unibertsalagoa, normaltasun ezaren eta elkartasun beharraren seinale, eta halaber, polemika sortzaile. Euskadiko Biologoen Elkarteko dekanoaren iritziz, gurean pandemia garaitzeko hartu diren neurriak ez dira egokiak, batez ere aire libreko maskaren erabilera dela eta. Espainian bakarrik da derrigorrezkoa musukoa barruan, eta kanpoan; eta, halere, gaitzaren eragina Europako handienetakoa da. Abuztu honetan, berriz ere, bigarren olatuaz mintzatzen hasi gara eta atzerapauso eta atzeraldien beldurra gailentzen ari da. Ziurgabetasun handiko egoera honek iraultza sozial eta politikoari bultzada emango ote dio? Globalizazioagatik izugarri azkar zabaldu den eta zabaltzen diharduen covid-19ak ekarri dizkigun ondorio kaltegarriei begira jarrita, lehenbizi kutsatuen eta gaixotuen taldea dago, eta haien artaz arduratu behar duten osasun-langileak, bi hitzetan esanda: estres egoera orokortuan. Zahar egoitzak direla, ospitaletako ZIUak...Mediku eta zientzialariek herritarrok erlaxatzen ari garela eta lasaitzeko arrazoirik ez dagoela behin eta berriz gogorarazten digute, eta biologoek, aldiz, beste modu batera egin behar dela birusaren aurkako borroka. Nolanahi ere, orain arte baino baliabide gehiago bideratu behar lirateke osasungintza publikora; hori behintzat garbi dago. Bigarren talde handi batean lana kaskartu zaienak, eta are galdu dutenak daude. Denok dakigu zenbat industri arlo eta ekoizpen sail zigortu dituen gogor pandemiak. Lanpostu galera handi horrek protesta itzelak sorturik, bizi dugun eta bizi gaituen sistema kapitalista hondoratuko du ala erreforma batzuk eginda laster itzuliko gara betiko moduko bizimodura? Adierazgarria iruditzen zait Siemens Gamesa multinazionalak Agoitzen duen fabrikan gertaturikoa. Dakizuen bezala, fabrika itxiko du enpresa multinazionalak, eta langileek onartu dute batzarrean, enpresako zuzendaritzaren proposamena (148 aldeko eta 37 aurkako). ELAk eta LABek kritikatu dute enpresaren jokaera -enpresaren irabaziak eta jasotako diru publikoa, eta aukeraturiko urte sasoia-, eta administrazioaren portaera itxiera ez eragozteagatik, baina multinazionala berearekin atera da, langileek patronalaren proposamena onarturik. Hori izango da lan-gatazken patroi orokorra? Pandemiak ekonomikoki gogor kolpatutako arlo jakin batzuetan egingo dira mobilizazioak, baina ez da uste izatekoa jipoitutako sailen arteko koordinaziorik gertatuko denik. Azken urteotan bezala, mobilizazio foku jakinak izango dira, gizarte osora zabaldu gabekoak, baina aspaldiko garai haietan, kasu, Franco hil aurretxoan eta hil berritan gertatu ohi zirenetik urrun, segur aski. Horrek, jakina, ez garamatza iraultza sozialistara, baizik eta sistema kapitalistaren beste doikuntza batera. Nola banatuko da Europatik etorriko den dirua? Nago dirutza hori zentralismoa sendotzera helduko dela. Europar Batzordeak estatuei emango die, eta estatuak bere irizpideen arabera erkidegoei, eta EAEn, esaterako, gobernu koalizioak kudeatuko du oposizioari benetako kasurik egin gabe, Madrilek proposaturikoari egingo dizkioten aldaketatxoren batzuk gorabehera. Euskararen aurrerapenari dagokionez, ematen du hezkuntzan, esaterako, online lanak egin dezakeela aurrera, eta horrek euskarari kaltea gehiago ekarriko dio mesedea baino. Gizartera etorrita, nik uste harreman sozialak murriztera garamatzala pandemia honek eta kostatuko zaigula lehengora itzultzen, baina alde honetatik baikorra naiz, denbora kontua izango da ohiko harremanetara itzultzea. Ez dugu berehalakoan ahaztuko, eta segur aski bizitzan lehentasuna zerk duen kontzienteago egingo gaitu birus bolada honek. Sistema kapitalistak eutsiko dio, egoerara birmoldaturik, baina baliteke elkartasunean eta geure bizitzari buruzko autokontzientzian pixkatxo bat irabaztea, eta klima aldaketarekiko sentiberago bihurtzea. B. Hidalgo. “Gutun irekia EAJ eta EHBilduri” (2019-05-28). 2019ko maiatzaren 26an egin ziren bozen ondotik, honako kalkulu hauetan oinarrituz, batzeko eskatzen zien EAJ eta EHBilduri. Lehenbizi datuak, eta ondotik nik adierazitakoak B. Hidalgori berari edo ezizenez sinatzen zuten beste batzuei erantzuna emateko. (Ezizenak kenduta daude) “Arabako Batzar Nagusietan 51tik 29 batzarkide ditugu EAJ eta EHBilduren artean (%56,9). Hauei EPko beste 4ak gehitu, eta 51tik 33 ginateke Euskal Herriak Erabakitze Eskubidearen alde geundekeenak (%64,7). Bizkaian 51tik 35 batzarkide EAJ eta EHBilduren artean (%68,6). EPko beste 6ak gehitu, eta 51tik 41 (%80,4) Erabakitze Eskubidearen aldekoak edo. Gipuzkoan 51tik 37 EAJ eta EHBilduren artean (%72,5). EPko beste 4ak gehitu, eta 51tik 41 (%80,4), Bizkaian bezala, Erabakitze Eskubidearen aldeko edo. Nafarroa Garaian 50 batzarkidetik 17 baino ez, herena pasa (%34). Gehi EPko (eta Eko?) beste 2/3ak, 19/20 Erabakitze Eskubidearen aldeko (%38/%40).” .- EAJk puntada bat ematen dio ikurrinari (autonomi estatutuaren baitako eskumenak lortzeko negoziazio instituzionalari) eta hiru puntada Espainiako 78ko Konstituzioaren baitako egonkortasunari, akordioari, elkarrizketari eta mendekotasunari. Eta EAEko botoemaileek saritzen dute, dagoen soziologia eta dagoen hezkuntza politikoa dagoelako. Bildu ezkerreko muturreko alderdia dela esatea -beste kritika asko egin dakizkioke baina hori ez-, gezurra da, eta EAJren aldeko mezu garbia eman nahiak bakarrik ulertarazten du, uler daitekeen heinean. Kataluniak ere ez du inbidia handiegirik ematen gaur egun, tamalez, eta gure idealismoarentzat tristea bada ere, beste hamarkada batean horrelatsu jarraituko dugula ematen du. Idealismo abertzale-euskaltzaleak ez lizkiguke begiak itsutu behar. .- Galdera deseroso batzuk: 1. EAJri botoa ematen diotenen artean, zenbatek nahi ote dute benetan Euskal Herri euskalduna eraiki? 2. EH Bilduri botoa ematen diotenen artean, zenbatek nahi ote dute benetan Euskal Herri euskalduna eraiki? ; zenbat ote dago prest nahikunde hori era batera edo bestera aurrera eramateko? Gure kezka honek zer isla du EAJren zuzendaritza eta goi karguetan? ; gure kezka honek zer isla du EH Bilduren zuzendaritza eta goi-karguetan? ; lehentasunen artean zenbatgarren dago? Gure kezka amankomunetik datozen galderak, EAEra mugaturik, badakigulako Nafarroakoa aldatzen saiatu direla berriki, eta porrot egin dutela. Zergatik ez dute serio eta benetan hartzen EAEko 1982ko Euskararen Legea euskararen onerako aldatzeko asmoa?, EAJ da horretarako prest ez dagoena, erdaldunen botoak galdu beldurrez? ; EH Bildu da horretarako prest ez dagoena, arrazoi berberagatik? Biak? Bai, bai, legeak ez du dena egingo baina legerik gabe ere ez, ezta? .- Idazten neka ez zaitezen eta nire denbora preziatua bestetara bidera dezadan, erantzun laburra eta azkena nire aldetik. Kataluniako proçesak erakutsi du espainolen dogmarik preziatuena zein den: Estatuaren batasun ezin hautsizkoa. Eta horri men egin beharra dago botere militar, politiko-judizial, soziologiko-mediatikoa berea delako, baina geure borondatez inoiz ez, bizirik irauteko baino ez! Eta Kataluniakoari dagokionez, liburu bakarra gomendatuko dizut: Ignacio Sánchez Cuevas-en La desfachatez intelectual (2016). Beste liburu bat ere badu iazkoa. PSOE inguruko espainol batek idatzia. Autodeterminazio erreferendum lotesle bat Katalunian zein arrazoizkoa izango litzatekeen azaltzen du, batetik; eta, bestetik, beren buruaz hantuak eta hanpatuak dauden intelektual espainolek (Savater, J. Juaristi, M. Azurmendi, A. Arteta eta barne) zer-nolako lotsagabekeria egolatra merkea darabilten politika espainolaz eta nazionalismo periferikoez dihardutenean. .- Bittor, zeuk kalkulatutako datuen beste balorazio bat egiten dut: “Baina Hegoaldean M26ko hauteskunde hirukoitzetan:Ia 434.000 mila herritarrek eman dio boza EAJri EAEn Batzar Nagusietarako (gehi beste 59.000k Geroa Bai-ri Nafarroa Garaiko Parlamenturako). Eta EAJko buruzagiak direna izango dira, baina Hegoaldeko 500.000 herritar horiek gutako edozeinek adina ‘diskisizio’ du, hala eta guztiz ere, EAJri-edo emateko boza”. “Diskisizio” ez baizik eta hitza “bereizmena” dela uste dut, hots, EAJri botoa eman dioten 500.000 herritar horiek beste edozeinek bezainbat bereizmen eta irizpide badutela egungo koiuntura politikoan boto komenigarriena zein den erabakitzeko. Beno, bada, EAJko agintariek, aparatuak, ez du deus ezkutatu; aitzitik, oso garbi utzi dute kanpainan gizon eta emakume gailenek Kataluniako abenturarik ez dutela nahi -eta Europara Junts-ekin ez joatea nahikoa esplizitatzea da-; PSErekiko ezkontzaren balorazio ona egiten dutela, eta berriz ere errepikatu egingo zutela emaitzek ahalbidetuz gero, eta esandakoa betetzen ari direla ikusten dugu. Hori jakinda eman dute botoa 500.000 herritar horiek, zuk zeuk diozunez, eta hori ez da boto abertzalea, hori da egungo egoera gutxi gorabehera errepikatzearen alde egotea, hots, daukagun autonomiari goxo iriztea eta funtsezko aldaketarik nahi ez izatea. Kontinuismoaren botoa da, eta zuk nik bezain ondo dakizu, azken hamarkadek hala erakutsi digutelako, autonomismoaren bideak ez garamatzala independentziara eta autodeterminazio erreferenduma gauzatzera, baizik eta autonomismoaren gurpilean biraka eta biraka ibiltzera. .- Desastrea ez da izan, [Kataluniakoa], desobedientzia ariketa txalogarria baizik. Gaizki atera da, bereziki pairatzen dugun estatua demokratikoa ez delako, eta bai nazionalista kartsua, batasun sakrosantuaren gurutzatua -zure planteamendua da, hartz arrotzarekin itunak egitea, eta aldameneko independentistari ostikoak ematea-; eta, EAJk gutxi lagundu diolako, egin duenari laguntzea esatea badago, eta Estatuen kluba den Europa politikoak ere ez, nahiz Belgikak-eta aterpe eman. Negargarria ez balitz, barregarria litzateke zure esaldi hau: “Estatu euskalduna egon badago, eta ditugun erakundeak dira”. Nolatan dei diezaiokezu autonomi erkidego nagusiki erdaldun honi estatu euskalduna? Esaldi ergelen inbentarioan oso postu onean paratzekoa benetan! .- Zer egin zuen estatuak katalan askoren nahia zapuzteko? Demokrazia aplikatu beharrean, indar hutsaren estalki den Konstituzioa eta legea behin eta berriz aipaturik eta mailukaturik eta ederki mehatxaturik, elkarrizketarako bide guztiak itxi. Felipe VI.a buru, eta haren mutil Rajoy. Adierazi dituzun ideia horiek guztiak tesi espainolak dira goitik behera. Azken momentuan ausardia falta izan zuten, beldurraren eraginez. Niri mirestekoak iruditzen zaizkit Konstituzio zirriborro bat idaztea, pultsu gogor horri eustea, eta, oro har, egundaino egindakoa. Gaizki atera zaie momentuz, baina, beno, ikusiko dugu zer bilakaera izaten duen. Bigarren puntuari dagokionez, dekretuz ez da aldatuko erdalduntasunetik euskalduntasunera, eta orain arte bezala jarraituta ere ez, eta PSOErekin bat eginda are gutxiago. Irakaskuntzak euskararen unibertsalizazioa bermatzea gaur eta hemen lehentasunezko helburutzat ezarri behar da, eta baliabideak ezartzen joan ildo horretan, eta ez euskararen hizkuntza-eskakizunak jaisten. Alderdi abertzaleek, benetan abertzale badira, etsenplu emanez jarraibidea erakutsi behar dute, etxe barrutik hasita. ETB1 benetan indartu egin behar da, eta ez ETB2, eta egungo baliabide digitaletan aurrerapausoak ematen joan; administrazioan eta lan-munduan eta aisialdian eta nonahi bestelako politikak dira beharrezkoak, baina PSOErekin ezkonduta ez da posible izango. Hura gabe ez dakit, baina harekin ez. EAJren Ibarretxeren planaren ondoko bilakaera ikusita, gehiengoa lortuta, EAJk segur aski planteamendu federala edo egingo luke, burujabetza eusko-espainola aldarrikaturik. Hori bai, gero salduko luke burujabeak garela, zu kasik gaurtik bertatik hasita, aldarrikatzeko prest zauden bezala. .- Ezagutzen nautenek badakite umore onetik gehiago dudala garratzetik baino. Orain eraildako emakumeekin, istripuz hildako langileekin, presoei bisitan joandakoen istripuekin gosaltzen dugu, ustelkeria eta iruzur kasu askorekin halaber, baina, aizu, erakunde kriminala desagertu zenez, poza darigula bizi gara. Ez nuke erakunde armatua itzultzerik nahi. Euskadi eta askatasuna asko egon dira; frankismoan legitimoa eta miretsia zen; beranduenez, Lizarra-Garazi ondotik, politikoki euskaldunontzat kaltegarri gertatu da, eta ondo dago amaiturik. Frankismoaren sarraski, izugarrikeria eta basakeriengatik aitorpenik ez Espainiako estatuak (aizu, arazo pentsaezinak Italian edo Alemanian, Francoren gorpuzkiekikoak! ); BVE, GAL eta gainerako indar parapolizialen erailketengatik ere ez; polizia eta guardia zibilen hilketa, tortura eta gainerakoen aitorpena ere ez da beharrezkoa; Eusko Jaurlaritzak ere ez du ezer esan behar ertzainek eragindako tortura eta tratu txarrengatik…(Pako Etxeberriaren arabera, hirurehundik gora); beti ezker abertzaleari eskatu behar zaio estatuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen ez zaiona. Eta hori guztia zertarako? Funtsean, alderdi estatalekin egiten dituzten itunak justifikatzeko, iragan askotarikoa gainzuritzeko eta etorkizunera begira, daramaten politika eusko-espainola estaltzeko eta saltzeko. Bada garaia hartzekodun jarrera edo pose hori pikutara bidaltzeko, nik uste. .- Alde batetik, gauzak plazaratzea ondo dago, eta mezu-truke honek horretarako balio du. Bestetik, EAJk eta EHBilduk euskal agenda badutela baieztatu ondotik -baieztapenaren zuribide bakarra: programak, aldarriak…badituztela-, zein gauza utopikoak planteatzen diren: “behartu dezagun EAJ, PSE/PSOErekin osatu paktu guztiak gorabehera, Bildurekin batera jarduten ‘euskal agendari’ dagokionean. Behartu dezagun Bildu EAJrekin batera jardutera ‘euskal agendari’ dagokionean, EAEko ‘hegemonien gaineko’ amets guztiak gorabehera. EUSKARALDIA izan liteke adibide, edo beste.” Euskal agenda serio samar bat egiteak -helburuak, bitartekoak, baliabideak, aurrekontuak, ebaluazioa, segimendua…- gutxienez Autogobernu ponentzia egiteak bezainbesteko lana eskatuko luke, eta, esaterako, Euskararen Kontseiluak izango luke zeresana, eta beste hainbat eragilek, -Eusko Ikaskuntza batek…- politikariekin batean (1982ko Euskararen Legearen aldaketa ere ekarri beharko luke). Itun handi bat izan beharko luke. Eta horren arrastorik ere ez dago, bestela jakingo genukeen. Autogobernu ponentzia ez aurrera ez atzera dago, baina aurrera egiten ez duen neurrian atzera egitea bezalatsu da; ezen, bestela, aurrekoa geratzen baita indarrean, eta aurrekoa autonomi estatutu bat da, jada 1997an gainditutzat joa. Eta hor -ekidistantziak mantendu nahi izatea ondo dago, beti betaurreko berberekin ikusi nahi ez izatea gauzak, ikuspuntu kritikoa atxiki nahi izatea beti- aipatu beharra dago, hots, batez ere EAJgatik dagoela geldirik, eta epeak bete gabe. Eta hor, EAJ-PSE itunak zerikusirik ez duela pentsatzea xalotasunetik xalokeriara lerratzea dela esango nuke. Amaitzeko, beste ohartxo bat: norberak irtenbiderik ez edukiagatik, hots, ez jakin izanagatik zer egin litekeen, beste batzuen ideiak jorratzea badagoela iruditzen zait, ideiak, eta ez ideiak plazaratu dituzten pertsonak; hauek beti errespetatuz noski. .- Zeuk ez diozu holakorik baina EHBildun agintean omen dagoen SORTUri “ezker zientifikoa” izatea leporatzen diozunez, zuk ezkutuan uzten duzuna esplizitatuz, gaur eguneko EHBildu, zure iritzian, marxista-leninista da, SESBen 1991 baino lehen zegoen erregimenaren aldekoa edota Kubaren miresle eta Kubako erregimena edo nahi luke onerako. Eta, EAJ, aldiz, ez litzateke euskal eskuina baizik eta Europako edozein alderdi sozialdemokrata baino aurrerakoiagoa. Duela gutxi entzun dut Otegi telebistako albistegian esaten prest daudela aurrekontuez eztabaidatzeko. Azken urteotan udal askotan izan dira agintean EHBildukoak. Inon proposatu al dute zerbait ezker zientifikoa direla frogatzen duenik? Zure mezuko azken hiru lerro horietara etorriz, oso anbiguoak dira -kalkulu politikorik gabe eta zintzotasunez denon eskubide guztiak bermatu behar dira-, eta gotzain batek ere sinatzeko modukoak dira bere horretan, baina aipu hori Arraizena dela esanez ematen du dakarzula esateko zalditik erori dela, eta lehen ezker abertzalekoa izan bada ere, gaur egun oso beste posizio batean dagoela, eta horrenbestez, EAJren aldera egin balu bezala, konbertso bat balitz bezala. Bi gehi bi, EAJren politika ez da kritikatu behar, sozialdemokrata oso aurrerakoia baita, eta behiala ezker abertzalekoak izandako batzuk ere ohartu baitira. Alde nazionalari buruz ezertxo ere ez diozu. Ciudadanos-eko Arrimadas-ek gaur bertan adierazi du Valls-i sostengua kentzen diotela, ez hain justu Ada Colau ezkertiar zientifikoari babesa emateagatik, baizik eta Colau alkate gisa Bartzelonako Udaletxeko balkoian xingola horia jarririk estreinatu delako, preso politiko katalanak espetxean egotea salatzeko. Hots, arrazoi nazionalengatik. Espainiaren batasuna hautsi nahi dutenekiko keinu solidario bat erakusteagatik. Horrekin esan nahi dut alderdi espainolek bereziki ardatz nazionalari begiratzen diotela erabakiak hartzerakoan eta ez ezker-eskuin diferentziei. Gurera etorrita, berriz, ez diozu ezer EAJk PSOE-PSErekin berretsi berri duen akordioaz, hots, argi eta garbi eta inposizioz, guztiok subjektu politiko bakar nahi gaituen alderdiarekin, gurean bezala Katalunian. Kontua politikoa balitz bakarrik, baina kultura eta bereziki hizkuntza-politika eta burujabetza politikoa ezin dira bereizi, eta alderdi espainol unionistekin elkartuz gaztelaniarekin ere erabat ezkontzen eta uztartzen gara, eta gure herriaren euskalduntzea baztertu edota oso atzera botatzen da behintzat lehentasunen zerrendatik. EAJk esango balu anbiguotasunik gabe alderdi autonomista dela, bere helburua ez dela estatutuetako printzipioetan ageri den bezala, burujabetzaren egiaztapena (anbiguoa da, baina ezin da inola ere ulertu alderdi autonomista edo erregionalistra dela), baizik eta espainolekin bizikidetza ona izatea eta akordioetara iristea Konstituzioaren barruan -Imazek behiala espresuki zioen bezala-, eta jada ez direla abertzaleak, abertzaletzat bide demokratikoetatik independentzia lortu nahia ulerturik, edo gutxienez halako konfederazio bat Espainiako nazioen artean (ezinezkoa Espainiak bere zentralismo jakobinoa baztertzen ez dueino, eta ez du inondik inora ere horretarako zantzu denik eta ttipienik ageri!) ni isilduko nintzateke, baina hori horrela ez den bitartean, EAJ horrela defendatzea kritikagarri irudituko zait, eta kritikatu egingo dut. Beren obretatik epaituko dituzue, eta EAJren obrak garbi daude esandako ildoan, eta EHBildurenak inola ere ez ildo marxista-leninistan, edo zuk diozun bezala, ezker zientifikoan. .- Hego Euskal Herrian, 122 herritan, Bilduren izenean aurkeztu diren zerrendaburuak alkate eta hautetsi 1.250, duela lau urte baino 9 alkate eta 59 hautetsi gehiago, zuk esatera “partidu marxista baten azpian dagoen koalizioaren” menpean. Herri horietako boto-emaileak, eurak ohartzen ez direla, Kubara bidean abiatuak dira nonbait, bildots-larruz mozorroturiko otso odolzaleek gidaturik. Patu tristea herritar horiena. Duela gutxi Gipuzkoako Diputazioaz jabetu zirenean castrozaleak fortuna handiei zergak goratzea eta sozietate-zerga altxatzea eta horrelako barrabaskeria marxistakarak egin zituzten, eta erraustegiaren aurka atez atekoa bultzatu, eta horrelakoak. Iraultza sozialistaren atarikoak noski! Denbora falta izan zitzaien; eskerrak, bestela gure herriak Europa ez baizik eta Asiako Ipar Korea emango zuen, eta deskalabrua erabatekoa izango zen. ETA V. Biltzarrean marxista-leninista gisa definitu zen -hori egia da; historia poxi bat badakigu-, eta Mario Onaindia eta Eduardo Uriarte, besteak beste, han ziren; eta geroago Jon Juaristi bat, eta Kepa Aulestia bat, eta han ibili ziren 60 eta 70eko hamarkada berezi haietan, eta gero badakigu zer-nolako bilakaera izan duten. Baina, ezker abertzaleak ez, aizu, milimetrorik ez da mugitu, 1967an ainguratua geratu da, eta boto-emaileak ez dira jabetzen -Bittorrek ez du batere arrazoirik boto-emaileek bereizmena badutela dioenean, gizarajo-gajo koitadu batzuk dira, botoa nori ematen dioten ez dakitenak!-, eta benetako Brexit-a Europan Euskal Herrian gauzatuko da, baldin eta Bilduk aurrera egiten badu, estatu sozialista ernatuko baita asko baino lehen. Baina nor engainatu nahi duzue? Ezker abertzaleak sufrimendua eragin du bai, baina seguru nago jasan eta pairatu askoz gehiago. Eta segitzen du pairatzen, Espainia eta Frantzia ezagutzeko bidaia turistikoak egiten kartzeletara -Hernanin bizi naiz, herriko 19 daude preso, eta batez beste 700 km-ra daude; beraz, 1.400 km egin behar dituzte senitartekoek. Errepideko istripuz hildakoak 16-. Gaur egun Europan estatu sozialista ezinezkoa da, eta desiragarria ere ez, nire iritzian. Sozialdemokrazia aurrerakoi bat bai, baina EAJ alderdi sozialdemokrata aurrerakoia da? Funtsean, kristau-demokrata ez al da ba? Eztabaida teoriko hori ez zait interesatzen, bestalde. Batzuk eta besteek proposatzen dituzten neurri esanguratsuenei begiratzea jakingarriago izango litzateke. Eta daramagun bidean, bereziki EAJren jarreragatik, espainol inposatzaileekin itunak eginez, euskal estatua ere ezinezkoa da. .- Errealitate soziala aztertzeko marxismoa erabiltzeak ez du esan nahi Errusiako Iraultza edo Kubako Iraultza bezalakorik eragin nahi dutenik hemen. Oso gauza ezberdinak dira. Sozialdemokratek ere baliatzen dute errealitate sozialaren analisi marxista. Bestalde, giza eskubideen artean ez al da sartzen politikoki espainol, frantses, edo euskaldun izan nahi dugun erabakitzeko aukera izatea? Autodeterminazio eskubidea gure apeta bat da? Besteak beste, harritzen nauena da horrenbesteko eskrupulu iraunkorrak, eta kasik ezabaezinak nonbait, izatea EAJ eta Bilduren artean elkarlanean aritzeko, eta batere ez, sozialista espainolekin eskuz esku ibiltzeko. Espainian, Franco 1975eko amaieran hil, eta 1978an jada Konstituzioa adostu zuten 1936ko gerra-irabazle izan zirenek gerra-galtzaile izan zirenekin. Hiru urte aski izan ziren adiskidetzeko. Eusko Legebiltzarra 1980an eratu zen. Euskadi Normaltzeko eta Baketzeko Hitzarmena —Ajuriaeneko Ituna— 1988ko urtarrilean sinatu zuten Alianza Popular (AP: Julen Guimón), Centro Democrático y Social (CDS: Alfredo Marco Tabar), Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ: Xabier Arzallus), Euskadiko Ezkerra (EE: Kepa Aulestia), Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE: Jose Mª Benegas) eta Eusko Alkartasunak. Zazpi urte nahikoa izan ziren nahaste-borraste horretarako. Bai, ados, ETAk lagundu zuen ezkontza bitxi hori gerta zedin. Zenbat urte ditu ETAk ekintzarik egin gabe, zenbat pasa dira 2011tik? Zure hitzak irakurrita, ematen du beste hogei beharko ditugula. Ez dut ezer irakurri puntu honetaz: EAEn eta Nafarroan bizi garenotatik zenbati eragin dio “euskal gatazkak” esan dezagun modu gordinean, edo gordin samarrean? %10-i bai?, %15-i? Gehiagori ez. Gainerakoek ez dute benetan bizikidetza arazorik, nik uste. Abertzaleen arteko elkarlana baino lehen, diozu: “Gizartea elkar lanean jartzean hitz egingo dugu estatu berriaz. Etxearen eraikuntza ez da teilatutik hasi behar.”??? ; 1. Hemendik urte askotara? 2. Gure esku bakarrik dago?, Espainiako botereek ez dute zerikusirik? .- Jo, bi baten kontra, ez da fair play, ezta? ; beno, onena izango dut pentsatzea xake-partida jokatzen ari naizela biren aurka, eta maisua ni naizela, eta lehenbizi txakur zaharraren aurka, eta gero, gaztearen aurka egin behar dudala. Jo, halere, Bahamak irlek tentatzen naute ba, eh…”Agur Ben hur, zuek hor eta ni hemen esan”, eta Bahamak irletara joateko irrikak, gaurko bero saparekin gainera! Txakur zahar, ez duzu inoiz ulertuko eta ez konprenituko…ehundaka hildako ere ehortzi behar izan ditu ezker abertzaleak, eta torturak jasandakoak hamar bat mila inguru izan dira, ezta?, eta preso daudenak ez dira aingerutxoak izango, baina zu eta ni ere ez, noski! Eta ezker abertzalearen aldean hildakoak eta torturatuak eragin dituztenak ere ez, koanto, eta horiei buruz, hitz erditxo bat ere ez jaurtitzea ere…marka da, e!, eta euskal abertzale omen den baten aldetik etorrita hori! Zenbat jendek eman duen bizia eta kendu duen Espainiagatik -besteak beste, frantses aurrerakoi (omen) zirenen aurka 1808an, Fernando VII.a absolutista, Ancien Regimen zaharkituaren alde, bakean zeuden frantsesekin autonomi estatutua eta elkarrizketa eta akordioa bilatu ordez-; zenbat jendek eman duen bizia eta kendu Frantziagatik -Lehen Mundu Gerran bakarrik 25.000 erlijioso inguruk, haietako batzuk euskaldunak-; eta Euskadi askatuagatik?, zenbat jendek eman du bizia eta kendu? 1936ko gerran gudariek lehenbizi, eta gero Monzonek behiala zioen bezala, gaurko gudariek, besteak beste. Paragrafo hau: “Ene Patxi, abertzaleen arteko zatiketa eta banaketa ezker abertzaleak eragin du eta hiri eta herrietako kaleetatik pasiatu besterik ez da behar ikusteko EAJri kontra egiten diona (eta ez da alderantziz) ezker abertzalea dela (sindikatuekin, AHT-kin, jubilatuekin, eta abar, eta abar, eta abar). Horrelako eraso baten aurrean sozialistak aliatuak dira. Eraso horrek ez baitu zerikusirik nazio arazoarekin baizik eta eredu sozialarekin (gizartea ezker abertzalearen mugimenduen menpe egon behar duela eta ez alderdi politikoengatik gidatua).”, “repe” ezta? ; mezuak begiratzea aski da ohartzeko bigarren aldiz txertatu duzula. Plantillaren bat baduzu hor, harrapatu zaitut! Orain gazteagoarengana etorrita, ustez gauzak endelegatzeko buru pixka bat banuen gaurdaino, baina, urteen kontua izango da, orain zalantza larrian nago. Gaian sartu baino lehen, ohartxo bat: ez dagokit niri inondik inora Sortu defendatzea, beste arrazoiak beste, Sortukoa ez naizelako. Hori esanda, natorren harira. Azkenik, Sortu-n onartu dena hau izan bada: “Ados egonik ezker abertzalea gai izan dela historian zehar ezkerrean eman diren zatiketen gainetik egoteko, eta askapen nazionalaren eta sozialaren arteko sintesia dialektikan ulertzeko, uste dugu ez zaigula komeni ponentzian gure buruak etiketatzea. Etorkizunari begira gainera, paradigma berriak eraikitzen joan beharko gara eta erreferentzia berriak behar ditugu gure buruak identifikatzeko.” Paradigma berriak, erreferentzia berriak, hori dogmatismoa eta kontserbadurismoa baino gehiago bilakaera eta eboluzioa da, garai berrietara egokitzea, ezta? Eta beste lerro hauetatik: “Formula teoriko historikoaren arabera, euskal herritarrak dira Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten pertsona guztiak edo, terminologia marxista erabiliz, Euskal Herrian bizi eta beren lan indarra Euskal Herrian saltzen duten pertsona guztiak. Hala ere, gaur egun guztiz beharrezkoa zaigu definizio hori egokitzea, ekonomiaren bilakaerak sortutako baldintza berriek eta horrek ekarritako aldaketek, gehikuntzek eta dibertsifikazioak eragin handia izan baitute egitura sozialak eratzen dituzten pertsona eta sektoreen osaeran.”; bai, terminologia marxista aipatzen da, ondo axaletik aipatu ere, baina nik ateratzen dudan ondorioa da euskal herritarrak Euskal Herrian bizi garen guztiok garela. Euskotarrak, euskaldunak definitu behar zituzten? Baina, nire kaskezur uste baino kaxkalago eta ahulago honetan gogorkien iltzatu zaidana honako esaldi hau izan da: “Bai egia da, PSE eta EAJren artean akordio gehiago daudela Ehbildurekin baino…”; eta lasai demonio gelditu zara horrelako esaldia idatzita?, norberak bere haragian unetxo batean bederen sumatu gabe euskal abertzaletasunarekin halako kontraesan ukitu bat, den ttipiena izanda ere? Horrela, harrotasun eta lasaitasun guztiarekin…! Beno, utzidazue biok ala biok xake-partida hau amaitzen; erantzuten ez badizuet Bahamak irletan aurki nazakezue koktel kaxkarren bat eskuan…! Jakineaaaaan zaudete…! .- Patxada ederrean nengoela gerizpean, brastakoan, atzo alde batera utzitako esaldia etorri zait gogora: “Ezker abertzaleak ehunka hildako eragin ditu eta jende mehatxatua eta traumatizatua utzi du bidean. Lehen horiek ez dute bere senideengatik bisitatua izateko aukerarik ere, hilik direlako.” Bat: hilketak ETAko militante konkretuek egin dituzte, istripuak edo nahigabeko enkontruak alde batera, buruek agindurik. Eta gehienek behintzat pagatu dute, askotxok larregi, edota ondo pagatzen ari dira. Eta BVE eta GAL eta antzekoen hilketak mertzenarioek egin dituzte, eta erantzukizuna hiltzaileena eta aginduak eman dituzten agintari polizial eta politikoenak dira. Eta mehatxu, eta tortura eta gisakoez berdin. Eta hemen inpunitatea nagusi, kasik salbuespenik gabe. Bi: ezker abertzaleak ez du hildakorik eragin, eta ez mehatxurik egin. Erantzukizuna baduela? Neurri batean, baina Espainiako Gobernuak eta alderdi politikoetako buruek, eta Eusko Jaurlaritzak eta alderdi politikoetako buruek ere bai. Horretaz tesia idatz liteke. Eta kontu hauetaz arduragabe aritzea moralki gaitzesgarria da nire iritzian. Hiru: kondenari dagokionez, Joxe Azurmendi irakurri. Haren ikuskera garrantzizko bat neure eginez eta harenak neure hitzez birmoldatuz: nik ez badut hilketarik eta holakorik egin, zein da estatua niri, nire kontzientzian, zer pentsatu edo zer sentitu edo zer oniritzi edo zer txarretsi behar dudan esateko. Nahikoa da nik neuk holakorik ez egitea. Gehiago ezin dit eskatu, batere instantzia moral ez den estatuak. Gauza hauek ondo aztertzeko eta jorratzeko lan handia hartu behar da. Ez dut erantzungo, Bahametan primeran nago eta! .- “Ezker abertzaleak gogorkeri aparailu bereziak eraiki ditu (hala nola ETA eta Kale Borroka aingerutxoak) eta hauek gogorkeria gure herrietako azken bazterreraino sozializatu zuten. Eta gainera bere estrategia, orain gutxi arte, politiko-militarra izan da (bata eta bestearen erabilera konbinatua planteatzen duena). Beraz, gogorkeri estrategia eraiki eta praktika jartzean ezker abertzaleak badu bere ardura, horien artean 800dik gorako eraildako eta gure herri eta hirietan bizi diren hainbat pertsonei eraso, mehatxu eta ondoren txarrekin egin zaien mina.” Hor falta da esatea, gogorkeria hori gogorkeria handi baten ume ere bazela. Batetik, independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokak eragina eta, bestetik, Espainiako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak guztion diruz eta giza baliabideez egiten zutena. Eta, gezurra badirudi ere, mozteko ahalegin benetakorik egin gabe, bereziki Espainiako botere faktikoen aldetik, etekin politiko-elektoral oparoak ematen zizkielako eta diru-funts bereziak ere tartean zirelako. “GAL, tortura polizialak eta ETA eta ezker abertzaleko kideen gogorkeri ekintzen artean dagoen diferentzia hauxe da (eta ez da makala): GAL-eko militanteek eta torturatzaileek ez dute bere ekintzak eta bidea aldarrikatzen duen alderdirik; ETAko eta Kale Borroka militanteek, ordea, estatus berezia dute ezker abertzalearen baitan, “borrokalariak” dira, “dena” eman omen dute, heroiak dira eta horrelako harrera egiten zaie zenbait herrietan.” Hor falta da esatea estatuaren krimenak eta bidegabekeriak beti, irakurri ondo, beti, larriagoak direla, inpunitatez eta mila modutako tolerantzia edo are elkarlanez egiten direlako. Alderdien azpitik eta gainetik dauden botereez; oso ere ondo babestuta, beraz. Askoz hobeto babestuta, noski, disidenteak baino, hauek direnik eta azkarrenak izanda ere. “Oraintxe bertan, nire herrian, ETAko militante baten aurpegiaren plantilla bat egin dute eta gure herriko paretetan topatu behar dut gizatasunaren benefaktore bat izango balitz bezala. Hiltzaileak eta estorsiotzaileak aldaretara igotzeak kaltea besterik ez dio ekartzen gure herriaren etorkizunari, beren krimenak eredugarriak baitira ezker abertzalearen ustez.” Krimenak ez dira burua sano duen inorentzat eredugarriak, beti dira tamalgarriak; haiek aberriari eta sozialismoari (“aberriari dena eman bear jako” Lauaxeta) edota ustez behintzat onak ziren helburuei emandakoa goratuko dute, nik uste. Eta adierazpen askatasunak ere merezi du bere tokia, nahiz askotan zaila gertatzen den gai horretan mugak zehaztea, baina “gorazarrea” toki guztietan ikustea, badakigu oso planteamendu politikoa dela, eta ez inola ere morala. “Heriotz, eraso, mehatxu eta koakzio historial hain paregabea duen eta aldarrikatzen duen mugimenduari (ezker abertzaleari alegia) jendea eraso eta erahiltzea gaizki zegoela eskatzea minimo etiko batzuen barnean dagoela uste dut nik. Nik uste dut gainera noizpehin horretara iritsiko garela (hainbeste pauso atzera eman ditu ezker abertzaleak, adibidez ETAko preso atxilotuen kasuan).” Damua eta barkamena norberaren kontzientziaren baitan ernatzen ez direnean -benetakoak badira, aurrera, noski!-, fartsa edo komenientzia hutsak izan ohi dira, eta azkena egin behar dena da inor behartu damutzera eta barkamena galdegitera. Nor dago legitimatua damua eta barkamena eskatzera? Zu eta ni ez behintzat. Eta estatua eta instantzia politikoak ere ez. Kontzientzia pertsonalaren hertsitze ezin onartuzkoa da. “Eta horretara iristeko beharrezkoa da exigentzia hori behin eta berriz planteatzea eta ez hamar mila kasuistikaz (hemen hainbaten aldetik ikusten dudan bezala) historia odoltsu, lotsagarri eta frakasatu bat zuritzea.” Aurreko mezuren baten ere esan nuen onartezina eta lotsa-emangarri dela Espainiako estatuak frankismoarekin, eta ezker abertzalearen aurkako borrokan erabili duen joko zikina aitortu gabe; eta Eusko Jaurlaritzak beste maila batean berdin, behin eta berriz ezker abertzaleari hori galdegitea. .- Zure mezuari erantzuten hasi baino lehen, esango dizut Arraizen azken liburua irakurtzen hasia naizela. Merezi duela iruditzen zait. Noski, ez biblia bezala hartzeko, baina bai gogoeta egiteko. Euskaraz txukun idatzia gainera. Askatasunaren zenbat definizio eman ote dira han eta hemen! Beno, zure mezuaren mamia hementxe dago: “Burujabetzak beraz bizilagun guztiak euskaldun edo euskotar bezela tratatzea behartzen gaitu, ez bakarrik “PTV”ko parte bezala izendatutakoak. Etxearen (Estaduaren) propietate osorik ez izateak ez du justifikatzen, hori lortu arte, bizilagunen elkarbizitzarako gehiengoak izendatu ditugun araudiak ez errespetatzea eta gure esku dauden erakundeak adosten dutena erasotzea. Eguneroko bizitzako gauza xehak adosteko alternatibarik ez duten planteamentu orokorrak, Txiberta bezala, porrot batean amaituko du.” Zuk uste duzu EHBilduk helburu gisa euskal errepublika aipatzen duenean, EAEn edo Nafarroan (edo Ipar Euskal Herrian) bereizketak egin nahi dituela bertakoen, eta espainol zein frantses edo nonahikoen artean? Ez dut uste hori esan nahi zenuenik, baina eguneroko kudeaketaren garrantzia azpimarratzeko, zeren zure mezuak ezer esan nahi badu horixe esan nahi du: EGUNEROKO KONTU ETA ESKUMEN PUBLIKOEN KUDEAKETAREN GARRANTZIA, horra lerratu zara, delako Pueblo Trabajador Vasco hori aiputara ekarriz, behiala beste gizon klase batzuek sorginak identifikatzeko gorputzeko ez dakit zein ataletan halako seinaleren bat izaten zutela zioten bezala, ezkertiarkeriaren seinale garbitzat PTV delako hori joaz. Kudeaketa inportantea da noski, baina kudeaketaren lege nagusiak Madrilek, eta Madrilen ezartzen dira. Eta nazional zein diren eta atzerritar zein diren ere bai, eta nazional izateko zein baldintza bete behar diren, eta abar, eta abar, eta autonomi erkidegoetan eskumen batzuk bai badaude, autonomi estatutuan jasotakoak, eta oraindik bete gabeak gurean…eta berriro ere leku berera goaz. EAJren helburua eta pentsaera bada, axolazkoena autonomi estatutuaren barruan eguneroko kudeaketa aurrera eramatea dela; benetan elkarrentzako eginak dira EAJ eta PSE, arima bikiak kasik. Badakit autogobernu lantaldean badagoela, eta hortik harago ere joan nahi duela. Baina garbi dago EHBildu dela zuentzat etsaia. Kuba, Aljeria, Che Guevara eta gauza horiek balio sentimentala baino gehiago nekez izan dezakete gaur egun. Denok ditugu mitoak; denok gara mitomanoak neurri batean. Diosala. .- Ez dakit Pako Aristi edo Ane Ablanedoren ideien ildokoa zaitugun. Nire hitzekin laburbildurik zuk adierazitakoa: Madrili edo Parisi ezer galdegin gabe, aldarrika dezagun independentzia, eta inori galdetu gabe joka dezagun independenteki! Ildo horretatik, Madrileko kongresurako bozetara aurkeztea alferrikakoa eta debaldekoa. Burutan atera ezina iruditzen zait. Zer gertatuko zen Katalunian benetan independentzia aldarrikatu izan balute? Lider guztiak atxilotuko zituzten -Puigdemont eta gainerako “iheslariek” ez zuten ihes egiterik izango-; Europak ez zituen babestuko eta Espainiako botere faktikoek gider guztiak beren gain hartuko zituzten. Larrialdi nazionaleko egoera deklaratuko zuten. Politikoki autodeterminazio erreferendum loteslea demokratikoa izango litzateke. Lorgarri epe ertainera bai? Quebec-eko planteamendua lorgarriagoa agian? Eta autodeterminazio erreferenduma irabaztea ez litzateke batere erraza izango, ez horixe. Baina honi gaurtik begiratuta, zientzia-fikzio itxura hartzen bazaio, euskal agendarena are zailagoa begitantzen da. Erdal Herri bilakatua duguna Euskal Herri bilakatzea… Hautatuak (60) 1. partea: Euskara. 1. Jose Luisekin hizketan. 2019-04-08. 2. Nolatan iraun du euskarak XXI. menderaino. 2019-07-13. 3. Gasteizen ala Madrilen gaude. 2019-08-05. 4. Herri-people-n etorkizun zalantzazkoa. 2019-08-09. 5. Zergatik egin dugu urritzera. 2019-09-24. 6. Gizarte gero eta arrotzagoan urturik. 2019-11-02. 7. Udal legearen dekretua eta euskaraldia eta. 2019-11-23. 8. Amaordearenera egingo ote dute ihes? 2019-11-29. 9. Euskararen bidegurutzetik. 2019-12-09. 10. Gotorlekutik (Berria-ko “Gu” artikuluari erantzuna). 2020-01-24. 11. Euskara euskaldunon arazo? 2020-02-03. 12. Carlos Iturgaitz EAEko PPren buruzagi. 2020-02-27. 13. Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia: antibirusak! (I) 2020-03-27. 14. Ibinagabeitia eta Txillardegi: antibirus indartsuak! (II) 2020-04-01. 15. Nolakoak garen gaur egungo euskaldunok! 2020-05-01. 16. Unamunok ideia arrazistak euskararekiko 2020-07-06. 17. Iturriagaren goresmenak “Pentsamenduaren historia Euskal Herrian” liburuan. (2020-07-13).18. Euskarazko egunkari bakarrera kondenaturik? (2020-08-06). 2. partea: Politika 1. Telesforo Monzon eta Iparraldea. 2018-06-29. 2. Nafarroaren garrantzia Telesforo Monzonentzat. 2018-07-03. 3. Monzon eta Txillardegiren irakaspenak. 2018-11-05. 4. Brouard eta Monzon. 2018-12-08. 5. Gure nazioaren egoeraz. 2019-05-04. 6. Carmen Garcia Pellon nafarra bakarrik epaitegietan. 2019-05-30. 7. Demokrata espainiar baten ikuspegia euskal eta katalan nazionalismoaz. 2019-06-07. 8. Hasier Arraizen autokritika Sarrionaindiarenaren uberan! 2019-06-26. 9. Euskal Herriaren egungo opioaz. 2019-07-29. 10. Puigdemont: batu gaitezen berriz! 2019-08-27. 11. Nazionalismo espainolista-konstituzionalista. 2019-09-05. 12. Egungo egoera politikoa. 2019-10-27. 13. Burgotar aita-semeak eta estatus politiko berria. 2019-12-26. 14. Jainkoaren izen berria: Trump! 2020-01-06. 15-16. Kataluniako proçesari buruzko egia guztia. 2020-02-10. 17. Iragan inperialaren eta frankismoaren herentzia militarra. 2020-04-24. 18. Gobernantza partekatuaren gezurra! 2020-05-11. 19. Foruak baieztatzen dira, Monarkiaren batasun konstituzionalaren kalterik gabe 2020-07-20. 20. Carles Puigdemont: M´explico. 2020-07-30. 21. Quim Torra eta EAEko lehendakariak. 2020-08-11. 22. Espainiaren harresia zulatzeko ideiak. 2020-09-01 3. partea: Kultura 1. Cervantes eta on Kixote Donostian. 2019-05-14. 2. Eduardo Txillidaren Haizearen Orrazia Donostian 2019-05-21. 3. Done Jakue mairu-hiltzailea eta Jesus gurutziltzatua. 2019-07-23. 4. Boom...! 2019-08-18. 5. Valentziaren historia politiko-kulturala. 2019-09-02. 6. Roger Etxegarai kardinala eta militar espainolak Arantzazun. 219-09-09. 7. Feminismoaren aurkako gizon-liga? 2019-11-13. 8-9. Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (I) 2019-12-17 eta II) 2019-12-18. 10. Bigarren sexua (Simone de Beauvoir) 2019-12-21. 11. Azken adioaz gogoetan. 2020-01-03. 12. Hegoaldean testuliburu gehienek ikuspegi espainola. 2020-01-20. 13. "El conquis": ikurrina eta gaztelania. 2020-04-09. 14. Katalonski-Euskalonski eta Vascos por el mundo. 2020-04-15. 15. Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Joxe Azurmendi. 2020-06-29. 16. Geure burua eta herria deskolonizatzeko premia. 2020-08-25. 4. partea: Covid-19aren ondoriozko konfinamendukoak 1. Koronabirusaren beldur antzean. 2020-03-16. 2. Konfinamenduko gogoetak. 2020-04-13. 3. Tristuraren lainopean, Udaberriaren zain! 2020-04-20. 4. Covid-19a: iraultzaren akuilu? 2020-08-17
AURKIBIDEA Hitzaurrea 1_BASO 2_D(R)AMA 3_HISTERIA 4_ERO Egileak Hitzatzea Hitzaurrea Aquí vienen las muñecas de trapo, las muñecas rotas que fueron condenadas a vivir tras el metal frío de una cerradura. Aquí se arrastran y se doblan, se abrazan y vuelan, en formación, dispersas, sutiles, violentas. Ellas, que alumbraron al mundo, pueden muy bien deshacerlo. Destejer lo tejido. Célula a célula. * Óscar Manso * Hementxe dira trapuzko panpinak, panpina hautsiak, sarraila bateko metal hotzaren atzean bizitzera kondenatuak. Hementxe dira, arrastan eta toles, elkar besarkatzen eta hegan, eraketan, barreiaturik, sotil, oldarkor. Haiek, mundua sortu zuten haiek, suntsitu ere suntsi dezakete. Ehotakoa desegin. Zelulaz zelula. Itzulpena: Unai Begiristain 1_BASO baso ilun argi astun nora hoa nora sasi arantzadun ezagunenetan ezezagunena baso ilun argi astun nora hoa nora bidea hiregan dun ezagunenetik ezezagunera ta ez genuen inoiz argi izpien jatorrian erreparatu ere ta ez genuen orain arte harrien azpikoan erreparatu ere Peru Galbete 2_D(R)AMA Beti draman beti malkotan ña! erretxinduta Txikiak putz beti handi teatroan oso habil Nere sentsibilitate maila bederatzikoa da eskolan ez ziren ohartu baina bizi minak ukatu behar direla diote aldiz poza, pozez, pozik konstante Idoia Hernández 3_HISTERIA Muga hauetako ertzak hausten ari dira pitzatzen portzelana Nere sustraiak lotzen diren jatorriak nere sustraiak ume ez tokia oihukatu nahi du oihukatu nahi dut Eromenaren zauri gordina, islatu nigan gorroto guztia, guztion odola Utzidazue jolasten, zuen galeran utzi, denon hondamendian utzi jolasean Xarmak ezin du haserre bortitza betirako apaldu Katatoniatik erraia garrasi Erraiak aldarri Elia Millán 4_ERO Ez ba zinan, izan gabe (bis) are ero ago astero, es lo que dice el medico izan zinan, izen gabe (bis) are ero ago astero, es lo que dice el medico esta es la mía, nire neria nadie está begira, la puerta está vacía se va, me voy, nora ezetako bidea Peru Galbete Egileak Zuzendaritza eta konposizioak: Idoia Hernández Musikariak: Idoia Hernández (pianoa), Ilargi Agirre (bateria), Peru Galbete (ahotsa eta gitarra) eta Jurdana Ochoa (bibolina). Letrak: Elia Millán, Peru Galbete eta Idoia Hernández Zuzenekoetan erabiltzen diren beste audio eta testuak: Xabier Erkizia (soinuen mapa) Virginia Despentes (Teoría King Kong) Jantziak: Marodi Argi diseinua: Miriam Ubanet Kanpo begirada eszenikoa: Iraia Elias Grabaketa eta nahasketa: Ander Fernández Grabaketa lekua: Azpeitiko Musika Bandaren entsegu gela HISTERIA bideo-pieza: Maria Elorza (Azpeitiko Udalaren “2019 Sorkuntza beka”ren bitartez) Eskerrik asko Azpeitiko Dinamo Sorkuntza Espazioari, Kulturaz kooperatibari eta Errenteriako Kultura Kreatiboari. Hitzatzea Musikarien arteko alderaketak egitea arriskutsua da, iraingarria izan liteke, eta beharbada ekidin beharko genukeen ohitura. Adibidez, PJ Harvey Ingalaterrako Patti Smith dela esatea, edo Anari Euskal Herriko PJ Harvey dela idaztea, laidogarria izan liteke, agerian geratzen baita bigarrenaren lana ez dugula entzun. Beraz, ez dizuet esango Hatxe Hondarribiko Thelonius Monk denik. Hatxeren musika irratian lehenengo aldian entzun nuenean, ez nintzen esatariaren azalpenaz jabetu, eta, hortaz, ez nuen jakin musikaria zein zen edo nongotarra zen; ez nuen haren berri jaso. Baina musika zati hori buruan geratu zitzaidan –belarri-zizare moduan, ingelesez esaten den bezala: burmuineko irratiak behin eta berriz jartzen zidan–, eta irratian berriz atera zutenean, egun batzuk beranduago, arreta jarri nuen, eta musikariaren izenak harritu ninduen: Hatxe. Hara! Hemengoa! Ez dakit zehazki zergatik harritu nintzen musikari hori hemengoa izateaz. Beharbada, nire aurreiritzien arabera, hemengo musika ezin da pianojoleena izan, nahiz eta Joserra Senpererena ere hemengoa izan. Eta nire estonamendua horretan bazetzan, garbitu beharko nukeen, ezta? Baina une horretan uste okerrak zuzentzea baino askoz premiazkoagoa zen eginbeharra neukan: Hatxeren musika gehiago deskubritzea, gehiago gozatzea eta, ahal den neurrian, musikariaren inguruan zerbait gehiago jakitea. Bandcampen lehena musika-bilduma aurkitu nuen, eta entzunaldiari ekiten ari nintzela, piezen izenburuekin gozatu nuen: asteetena, arterastea, astoazkena, ospeguna, hotzikara, lainobera… Beraz, Hatxe hitz-jokoetan ere fin zebilen, Harkaitz Canoren moduan ibiltzeko gai (canotarra hitz-jokoak edozein iturritik sortzea gauza da). Artistaren inguruan, aldiz, ez nuen datu handirik topatu. Artista bera aurrez aurre ikusi eta entzun arte, Eako poesia-egunetan, 2018an, Eako azken poesia-jaialdi horretan. Beste hainbat sortzailerekin batera, Hatxe Metrokoadroka kolektiboaren Zanbuia! aire zabaleko antzezlanean aritu zen, aritu zen bai musikari, bai antzezle –ur zabelekoa ere izan zela esan genezake–. Noski, ez nuen agurtu, ez nion nire miresmena adierazi: Euskal Herrian hori ez da egiten. (Azken hori ondo dago sortzaileenganako begirunea zain dezagun; aldiz, miresmena maizago adierazi nahi geniekeela iruditzen zait, baita lana eskertu ere). Baina Zanbuia!k oso aitzakia ona eman zidan musikariaren inguruan gehiago jakiteko. Booktegiren izenean, Metrokoadrokakoei lan horren inguruko dokumentala egitea proposatu nien, eta ideia hori onartu egin zidaten. Filma bi osagaitan oinarrituko zen: Ean egindako filmazioa –Peru Galbetek eta Aritz Ormazabalek grabatua– eta parehartzaile batzuei egingo nien elkarrizketa. Eta horretaz hitz egiteko Iraia Elias, Idoia Beratarbide eta Hatxe etorri ziren estudiora; emaitza Booktegin ikus dezakezue. Geroztik Hatxerekin lan egiteko bi aukera izan ditugu booktegitarrok. Lehenengoa EIZIE elkartearen SENEZ aldizkariaren ospakizuna izan zen; bigarrena, Harkaitz Canoren ‘Azken aurreko manifestua’, Iraia Elias eta Anjel Lertxundirekin batera. Bi lan horiek ere ikusgai daude Booktegin. Orain belarrietan dugun Panpina hutsien dantza Hatxeren bigarren diska da, eta lehenengo abesti-bilduma. Lan honetan Hatxe, musika konposatzaile eta pianojolea izatearekin batera, bere musika-taldea zuzendu du. Taldea esan dut, baina tarteka musikiariek gorpuztu duten presentziak, karismak eta sakontasunak orkestra batenak dirudite. Sortzaile batzuk lana osatzeko bere burua lan horren zerbitzura jartzen omen dute, eta iruditzen zait Hatxe horrela aritzen dela. Dantza honen egituraren eta doinuaren barne beste musikari batzuen ekarpen handiak erantsi dira –Ilargi Agirreren bateria, Peru Galbeteren ahotsa eta gitarra, eta Jurdana Ochoaren biolina. Hitzekin ere Hatxeren eskuzabaltasunak beste lagun batzuen sormena ekarri du – Elia Millán eta Peru Galbetek letra batzuk ekarri dituzte –, eta horrela lan osoa are gehiago aberastu da. Entzun dezagun. Aritz Branton
booktegi.eus LUTXO EGIA identitarteak Ari ala ez ari identitarteak Ari ala ez ari Izan ala ez izan, antzerkiaren galdera handietakoa izan, bada. Lutxo galdetzen ari da. Eta ari da Egia, egia. Aritu ala ez aritu, hori ere bada teatroaren beharrezko jolasa. Eta hau, guzti horren aitzinsolasa, bai, irakurtzen ari zara. Antzerki lan honetan jokatzen duten pertsonaiak zerbait, norbait, izatera aritzen dira, solasean, jolasean. Etengabeko bilaketa den solasaren jolasean arituko dira, galduko dira eta aurkituko dira. Pertsonaiak ala ez pertsonak. Identitateak ala identitarteak. Ohiko teatroan ustezko identitate sendoak duten gorputz, arima zein izaki, izateko jolasean aritzen diren aktoreak dira, aktanteak. Direnak, badirenak. Inorenak. Eurenak. Eta ez denonak. Hori dena, eta askoz gehiago, planteatzen du Lutxo Egiak ‘Identitarteak’ izeneko antzezlanean. Pertsonaiak jolasean ari dira, literalki, partida batean, sareak banatuta jolastu beharreko olgetan. Sareak batzen dituen solasetan nahita galdutako pertsonaiak dira Seric eta Finn. Ez serio eta bai fin. Finn eta Seric. Egileak momentu bakar batean ere identitate hitza aipatu gabe, terminoa eta terminoekin sare batean galtzeko moduko jolasa planteatzen du. Eta ari da oholtzan, eta ari da paperean. Beti ere umorez, jolasa bestela ez baita jolas. Eta baita ironiaz beti ere, solasa bestela ez delako solas. Absurdua, ezta? Bai, izan bada, badelako. Hala ari delako. Sareak nahasten diren hitzekin jolasteaz gain, terminoei sentitzen diren kolpeak ematen dizkie. Etenik gabe. Arnasa hartzeko betarik gabe. Bestela agian izango ez direlako eta, batez ere, arituko ez direlako. Eta poesiarekin ere solas egiten du idazleak. Eta bertsoekin, berriz, jolas. Bertso jolasari lapurtutakoa baita lan honen artea. Puntuka dabiltzan pertsonaiak jarri ditu Lutxok oholtzan. Puntuz-puntu eta tantorik-tanto kolpe ikusezinak ematen dituzte non, zer, eta bizitza, edo ari den bizimodua, den izatearen bizitzaren teatroan. Kolpeak. Tantoak. Irabazitakoak eta galdutakoak. Jasotakoak eta erantzi beharrekoak. Ikusi ez, baina sentitu bai, ordea. Ari direlako izaten, izatera jolasten ari direlako. Izan nahi dutelako inor, han, edo hemen. Edo ez dutelako inor izan nahi. Sare batek banatzen dituelako han eta hemen. Ala ez. Nor eta zer, aritzen dena da. Hori da. Hori dira. Hori gara. Ari garena gara. Ari ala ez ari, hor dago koska, zer eta nola ari. Eta oholtzan horrela ageri. Eta desagertu. Berriz agertzeko, arituz gero arituz, noski. Bestela, ari garena ez gara. Galder Perez Ane Zabala identitarteak Sare batek erdibitzen du eszenatokia. FINN eta SERIC badmintonean ari dira Finn: Subjektua! Seric: Objektua! Finn: Aktorea! Seric: Aktantea! Ac-tant! Harrapatzen duzu? Ac-tantoa! 1 eta 0. Ez daukazu zereginik. Finn: (Imitatzen) Ez daukazu zereginik! Ez daukazu zereginik! (Isildu bat-batean eta harriduraz) Seric!! ! Seric: Zer? Finn: Egoera hauxe... berbera... lehenago bizi izan dugu. Seric: Jakina! Beti irabazten dizut. Finn: Ez, susmoa dut bukle batean gaudela. Seric: Buklea? Hemen bukle bakarra... zure arropa izerdituaren usaina nire kantxara sartzen den bakoitzean. Finn: Seric, serioski ari naiz. Seric: Eta neu ere bai. Hatsa iparraizeak hegatzen duenean! Finn: Eta zurearena? Heze usain jasangaitzagorik! Eta atera behingoz, oraingoan birrindu egingo zaitut-eta! Atera egiten du Sericek Seric: Zeinua! Finn: Konbentzionalismoa! Seric: Ontologia! Finn: Erakundetzea! Seric: Modernoa! Finn: Polikronia! Seric: Izatea! Finn: Kanona! Seric: Kategoria! Tumatxa!!! 2 eta 0. Itzul zaitez asaben baratzera, mundu modernoan ez duzu lekurik eta! Finn: Larregi hitz egiten duzu, Seric, larregi. Modernitateko partida hau hasi baino ez da egin. Seric: Eta galduta duzu aldez aurretik. Kapela barregarri eta aitzineko hori soinean! Mundu esentzialistan eta itxian bizi zara oraindik. Finn: Isilik egon zaitez! Eta atera! Atera ezazu lehenbailehen. Ez daukat egun osoa! Seric: Kapeladun jaio eta kapeladun hil... Finn: Ateraaa! Seric: Banoa, banoa. Banoa... Zertarako! Finn: Boterea! Seric: Zertarako! Finn: Kartografia! Seric: Zertarako! Finn: Rola! Seric: Zertarako! Finn: Menderakuntza! Seric: Zertarako! Finn: (etsiak hartuta haserre) Zertarako? Zertarako horrenbeste zertarako? Seric: Honetarako!!! Beste puntu bat! 3 eta 0! Finn eta Seric sarera hurbiltzen dira. Elkarri begira geratzen dira une batez ezer esan gabe Finn: Gora jatorrizko komunitatea! Seric: (imitatzen) Gora jatorrizko komunitatea! Zein patetikoa zaren! Azturen molde itxi eta aldaezin horretan preso. Patetikoa! Noiz ernetuko zaizu behingoz barneko subjektu politikoa? Finn: (imitatzen) Noiz ernetuko zaizu barneko subjektu politikoa? Ba ondo erneturik daukat, zakilixut hori! Seric: A bai? Ba duzu proiekturik? Ba duzu zera unibertsalik? Finn: Eta zuk, baduzu hemengotasunik? Seric: Ez gara inongoak! Finn: Ez? Hemen hasten da dena, asaba zaharren kantxa honetan. Lurrari dario. Begiratu zure aurrean zabaltzen den kantxa emankorra! Seric: Nik, badmintonean ez dakien arlote bat baino ez dut ikusten. Kaiku halakoa! Finn: Isil zaitez eta jarrai dezagun. Nori tokatzen zaio? Galdu naiz dagoeneko. Nola dago jokoa? 2 eta 0, ezta? Seric: 3 eta 0! Finn: Seguru? Seric: Seguru. Finn: Eta horrek esan nahi du...? Seric: Bai, horrek esan nahi du... Finn: Tamalez. Seric: Oso zoritxarrez. Finn: Ezinbestean? Seric: Ezinbestean... Finn: Ezin liteke zerbait egin? Seric: Nahiko nuke, baina zeharo ezinezkoa da. Seric eta Finn: (batera) Orduan, alea jacta est! Zalantzakor ekin diote ibiltzeari, beldurrez, urrats guztiak batera egiten ispilu bateko mugimenduak balira bezala. Sare parera iristen direnean zalantza areagotzen da. Bata bestearen eremura sartzen dira oso astiro. Seric: Hau usaina! Finn: Hau giro itogarria! Ez dago aire pururik alde honetan? Seric: Ea ba, banoa. Ez dakit ze sake aterako zaidan hemen. Finn: Komeria gutxiago! Seric: Ea ba. Koba! Finnek bola pasatzen uzten du Finn: Koba? Zer da hori? Horrek ez du balio. Seric: Zergatik ez? Finn: Modernitatean gaudelako. Seric: Ba kantxaren alde honetan kobazulo batean bezala sentitzen da norbera. Finn: Bigarren sakea! Seric: Adoooos. Bigarrena. Basa! Finnek berriro uzten du pilota pasatzen Seric: Tantoa! Finn: Bai, zera! Sake-falta! Basak ere ez du balio. Seric: Nola ez duela balio? Finn: Modernitatean ez du balio. Seric: Eta zer zara zu, ba, ezpada une honetan hiria den kantxan basa-izaki bat? Finn: Hemen basa bakarra zeu zara. Basa-pasarme la pelota behingoan?! Tantoa izan da nire alde. Sericek pilota pasatzen diolako keinua egiten du Seric: Finn. Finn: Zer, Seric? Seric: Batzuetan umorera hurbiltzen den zera bat duzu. Approach herabe bat, heldu gabe. Finn: Eskerrik asko, Seric. Seric: Eta ohartu naiz beti gertatzen dela kantxa- aldaketan. Ez zaude horren gaizki indefinizioaren baitan. Finn: Eskerrik asko, Seric. Zuri ere, egia guztia esateko, nahiko ondo doakizu hemengotasuna. Seric: Eskerrik asko. Finn: Nahi duzu nire kapela jantzi? Seric: Eta nahi duzu zuk nire korbata? Sarean bertan jantzi-truke egiten dute. Jantzi egiten dute Seric: Uiii. Kili-kili egiten dit. Finn: Ba niri esaten dit: estu-estu-estu. Seric: Hain beltza. Finn: Hain dotorea. Seric: Hain diferentea izateko ez zaude gaizki, desde luego. Finn: Kar, kar, Seric maitia, baina uste dut nire kapelak bigundu dizula burmuina. Noski, hasieran hala izaten da. Zeu zara diferentzia. Seric: Ez, lagun estimatua. Askatu pixka bat korbata. Nola esan duzu? : Estu-estu-estu. Ekidistantea zara. Erdigunean banago, zu ekidistantea zara. Diferentzia, bistan da. Finn: Jatorrizko komunitatea dago erdigunean. Seric: Beraz, orain ni nago erdigunean. Finn: (zalantzaz) Bai, arrazoia. Seric: Ederto, zu zara diferentea. Finn: (zalantzaz) Bai... Seric: Kar, kar, kar! (barre eroa). Ez duzu benetan pentsatuko zure eremuan egoteagatik jatorrizko komunitatea naizela? Finn: Bueno, zuk zeuk esan duzu! Seric: Bai, neuk esan dut. Eta orain diotsut ezin naizela jatorrizko komunitatea izan jatorrizko komunitaterik ez dagoelako! Finn: Bai, badago. Seric: Ez, ez dago. Finn: Bai, badago eta orain zuk ordezkatzen duzu kantxa horretan zaudelako. Seric: Nik ez dut ezer ordezkatzen, babo halakoa, ezpada unibertsaltasuna eta balio modernoak oro! Finn: Ba, orduan, bueltatu zeure tokira. Seric: Ez, hori ezin dut egin. Arauak arauak dira. Finn: Bueno, ba joka dezagun behingoz! Seric: Baleeee. Niri tokatzen zait ateratzea, ezta? Finn guztiz galduta dago. Finn: Uste dut baietz. Seric: Ba noa. Araua! Finn: Fetitxea! Seric: Joko soziala! Finn: Kodea! Seric: Signifikatzea! Finn: Adierazlea! Seric: Adierazgarria! Finn: Esanahia! Seric: Berberetasuna! Finn: Hangotasuna! Seric: Ortonormatiba! Finn: Semiosfera! Seric: Transitoa! Finnek ez du pelota itzultzen Seric: Tantoa! Finn: Nola tantoa? Transitoak ez du balio. Seric: Ez? Finn: Ez. Seric: Eta nola dakizu hori, tolosa horrek? Finn: Transitoa hipermodernoa da! Transmodernoa! Seric: Transmodernoa! (imitatzen). Orologo hutsa zer zara, ba! Tira... nola goaz? Finn: Enpate. Seric: Enpate? Finn: Seguru. Seric: Baia... Tie-break orduan? Finn: Tie-break? Seric: Ohiko tie-breaka? Finn: Ohiko tie-breaka. Seric: Piñata? Finn: Piñata. Sarean piñata bat ezartzen dute. Seric eta Finn noraezean dabiltza zein bere eremuan. Begietan mozorro bana dararamate eta ezin dute ezer ikusi. Eskuetan, berriz, makila bana. Tarte batean dabiltza piñatarekin asmatu ezinik, han eta hemen kolpeak erratzen. Halako batean gelditu eta, automatak legez ikusleei begira, Atxagaren poema iniziatikoa errepikatzen dute: Seric eta Finn: Hi hintzena / bi arraia zaharren gurutzaketa, / galdu da, galdu haiz / hautsi da ANPHORA / eta mila ispilutan multiplikatua / ez haiz / azken irudi ezabatua baino; / ilunaz zipriztinatuz bekokia, / eta hausterrez, / laberintoaren harri txintxarretan / zauritzen hiri oin birjinak. Seric: Hautsi da Anphora, Finn. Finn: Hala dirudi, Seric. Hautsi da Anphora. Bat-batean, Seric eta Finn oilo lepogabetuak balira bezala, frenetikoki zoro moduan, batetik bestera hasten dira makilaka: Seric eta Finn: Hautsi da Anphora!!! Hautsi da Anphora!!!! Hautsi da Anphora...!! ! Halako batean biek batera piñata jo eta apurtzen dute. Isilune handia egiten da. Mozorroa eranzten dute. Ikaraturik daude. Finn: Anphora apurtu da. Eta orain zer, Seric? Seric: Orain harea dago. Harria zegoen tokian, harea. Buztina zegoen tokian, harea. Basamortuan gaude, Finn. Finn: Hauskortasuna bakarrik dago. Seric: Abandonaturik gaude. Finn: Bakarturik basamortu honetan. Seric: Eta basamortua zeharkatu beharra dago. Bizi-noraeza txandaka “Harearena” poema errezitatzen islatzen dute Finn: Harea lurrik anonimoena. Seric: Hareaz eginak desparadisoaren zutabeak. Finn: Eta Lurra planetaren airea ere hareazkoa. Seric: Hareazkoak satelitea, Urano, Venus ere harearena. Finn: Harea egotziz bihotzek harea erakarriz. Harea. Seric: Baina ez harea bakarrik. Harearekin batera malko esentziala eta odol bete ontzi bat. Finn: Eta harearen artean zuek ere, gutun horituak, erloju hautsiak, hiztegi liliputiarra; espartako eskuta herdoildua; ba zatozte zuek ere. Seric: Baina arratsero galduz doa guztia, zu edo argia bezala. Finn: Gauero ez da harea baino geratzen. Seric: Ilargi krudelaren azpian. Harea. Finn: Harea lurrik anonimoena. Seric: Hareaz eginak desparadisoaren zutabeak. Isilune luzea egiten da Seric: Finn! Finn: Zer? Seric: Eta orain, harea besterik ez den honetan, zer gara, berdinak ala ezberdinak? Zurekiko naiz berdina ala zurekiko naiz ezberdina? Finn: Ez dakit, Seric. Lehen berdinak ginen, ezta? (Gogoetatzen gelditzen da tarte batez) Ala desberdinak? Seric ere hausnarrean gelditzen da Seric: Guztiaren hasieran bakanak ginen! Bagenuen aurredefinizio bat, muin baten definizio iraunkor aldagaitza. Egituraturako harremanetan jaiotzen ginen, haietakoak eta haienak ginen, haiek egiten gintuzten, haiek ginen... Eta guretzat egituraketa haiek berezko entitate esentziadunak zirenez, gu entitate haien halabeharrezko agertze une iragankorrak ginen. Tumatxa! Finn harri eginda gelditu da Seric: Geroago Modernitatea heldu zitzaigun, mundu iluna argitu zuen. Jada ez ginen berdinak. Jada ez ginen abelgorriak. Muuu-muuu-muuu. Finn: Eta zer ginen? Seric: Katuak eta zakurrak! Finn: Katuak eta zakurrak? Miauu-miauu guau-guau? Seric: Metafora bat da, Finn, metafora bat! Ikasi genuen barneko eta kanpoko munduaren artean bereizten. Subjektua ernetu zen. Barruko mundua bereizi genuen kanpokotik. Eta kanpokoa metaforen bidez ordeztu eta ordezkatu genuen. Eta hain ezberdin bilakatu ginen! Finn: Bai? Seric: Ez al zara gogoratzen? Finn: Ez. Seric: Ni hiritar jakin mundutar ikasi bat bilakatu nintzen. Nire erreferentzia Frantziako Ilustrazioa zen, Unamuno, Adam Smith... Finn: Eta ni, Seric? Seric: Zuk... Zuk baserritar asto kaiku atzerakoi hutsa izaten jarraitu zenuen. Finn: Benetan? Seric: Benetan. Ahaleginak eta bi egin nituen zu zulotik ateratzeko, baina dena alferrik. Hala ere... lasai, dagoeneko ez zara baserritar bobo kaiku eta atzerakoia. Finn: Ez? Seric: Ez. Hautsi da Anphora. Finn: Egia da. Hautsi da Anphora. Seric: Orain ez gara ez berdinak ez ezberdinak... Orain... Orain berdinak bezain ezberdinak gara. Finn: Berdin-ezberdinak? Seric: Berdin-ezberdinak bezain ezberdin-berdinak! Alegia, Finn, ni zu bezalakoa naiz. Finn: Eta, orduan, ni zu bezalakoa. Seric: Zu bezain eta bezainbat naiz. Finn: Eta ni ere. Seric: Baina batez ere oso ezberdinak. Finn: Bai zeharo ezberdinak. Seric: Berdinagoak gara ezberdinagotzen garen heinean. Finn: Kolonbiako kafea hartzen dut nik. Seric: Eta nik Italiakoa. Finn: Eta nik Indiakoa! Seric: Senegalgoa neuk! Finn: Pues nik Mexikokoa! Seric: Vietmangoa! Finn: Suediakoa! Seric: Jamaikakoa! Finn: Baqué! Seric: La Fortaleza! Finn: Eta berdin ardoarekin, sagardoarekin edo txakolinarekin. Seric: Nik Gorka Izagirre bat edaten dut. Finn: Ze elegantea zaren, Seric! Txakoli basokada bat edaten duzula esan barik, Gorka Izagirre bat edaten duzula esan duzu. Akabo da metafora, metonimiaren aroan bizi gara! Seric: Ramon-Bilbao-egingo-dut-pinplau! Tumatxa alarde metonimikoa! Toma marka! Finn: Carlos III bat traga-traga egingo dut. Egun brandiak edan ordez, brandingak edaten ditugu (eta korroskada alaia egiten du). Osasuna! Seric: Ieup!! ! Sericek eta Finnek topa egiten dute eta isilik gelditzen dira. Seric: Baina ez bagara garena eta ez bagara izan asmo duguna, zer ote gara? Finn: Egiten duguna. Egiten duguna gara, Seric. Egiteak gara. Gure izatea gure egitea baino ez da. Egitean sortzen diren ikuspegiak gara, esanahiak edo zentzuak. Seric: Bai! Hautsi da Anphora eta ez da gu zurrunik! Seric sokara abiatzen da, jaitsiarazi eta Finnen laguntzarekin ekilibrismoak egiteari ekiten dio Seric: Oro da malgutasuna. Jausten da. Minduta geratzen da lurrean Finn: Hauskortasuna baino ez. Seric: Harea eta desertu amaigabe bat. Finn: Eta jendea ikaraturik dago, izuturik, kaka-praketan. Horregatik areagotu dituzte sinboloak, eta zeinuak, eta seinaleak, eta pistak. Seric: Jendeak banderak paratzen ditu nonahi. Finn: Eta kamisetak betetzen ditu adierazlez eta adieraz. Seric: Helburua da egiten duguna garenaren garaian, garena garela sinestaraztea. Sericek eta Finnek “Ikusi mendizaleak” txistukazeari ekiten diote “gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak” arte. Finn: Eta beste hori, Seric! Yo soy ta-ta-tan, ta-ta- tan, ta-ta-tan (“Yo soy español, español...” doinuarekin) Biak: Yo soy ta-ta-tan... Seric: Zein polita den bereziki hori. Finn: Bai, ederra. Seric: Eta babo halakoek sinesten dute garela eta izango garela izan garelako. Eta, jakina, sineste horiek errealak dira eta praktika bihurtzen dira. Berdin da esentziarik ez egotea, sinesteak praktika direlako. Finnek egunkaria hartzen du Finn: Begiratu Seric, orain esaten duzula. Entzun ezazu honako hau: Artetxene kobazuloak, Magdeleniensekoa berak, badu dagoeneko bere erreplika eta urritik aurrera bisitatu ahal izango da. Bertan, besteak beste, bisitariek Artetxeneko margoen erreplikak ikusiko dituzte, xaguzaharrak azalduko zaizkie eta tarteka orduko bizilagunei entzun ahal izango zaie hizketan. Kobazuloaren erreplika Lopez de Armentia bodegak finantziatu du eta bere izena eramango du: Señorío Lopez de Armentia Artetxene Magdaleniense. Seric: Patrozinadore egokiagorik!! Asko gustatzen zaizkit haren kaldo beltzak. Bide batez, gogoratzen zara koban bizi ginenean? Finn: Paleolitoan? Seric: Bai, edo lehenenago ere bai! Finn: A ze margo politak egiten genituen. Bisonteak! Zaldiak! Ahuntzak! Oreinak! Plastidekorrak izan bagenitu! Edo graffitiak egiteko spraiak! Lopez de Armentia bat ere ez zitzaigun gaizki etorriko. Zer edaten genuen? Seric: Arroketatik filtratzen zen ura eta ez beti! Finn: Imaginatzen duzu? Lopez de Armentia kobazuloa! Seric: Letra larriz sarreran. Finn: Dena ezin da. Behintzat kobazuloan bizi gintezkeen, estalaktita eta estalakmitetako itoginen artean. Seric: Baina orain ere esperimentatu dezakegu zer den estalaktika eta estalakmitetako itoginen artean bizitzea. Eta, gainera, ez duzu egunero bizi behar. Finn: Bai, egun batez bizi zaitezke eta gero zeure etxera erretiratu, sofa eroso batean luze-luze etzan eta esperientzia zirraragarria konpartidu Facebooken. Ikusten ari naiz: 400 datsegit baino gehiago! Me salgo! Seric: Eta begira: Señorío Lopez de Armentia Artetxene Magdaleniense kobazuloan denda eta taberna dauzkazu. Kobazuloan egarri bazara, ba Coca-Cola edan dezakezu margoak ikusten dituzun bitartean. Finn: Eta margoen goardasola eros dezakezu. Eta Pokemon eta Pikatxu ezkutatu ere bai. Seric: Ze polita! Pokekedada Lopez de Armentia Artetxene Magdaleniensean! Isilunea momentua gozatzeko Seric: Aizu, eta ator urdin hori? Finnek bere buruari begiratzen dio eta gero Serici Finn: Ba, zurea bezalakoa. Seric: Bai, baina zergatik daramatzagu aldean ator hauek? Finn: Anphora hautsi delako? Seric: Baina anphora desertua da, ez itsasoa. Eta hau itsaso style da. Finn: Itsasoa desertu zabala da eta desertua hareazko itsasoa. Seric: Arrazoia duzu. Finn: Arrantzaleak gara. Abesten dute: “Ixil ixilik dago, kaia barrenian / untzi xuri polit bat uraren gainean. / Goizeko ordu bietan esnatutzen gara / arrantzaliarekin joateko urrutira”. Finn: (hunkituta) Zein polita! Seric: Bai! (zalantzazko une bat) Baina Finn... Finn: Zer, Seric? Seric: Ez bagara garena... Orduan gu ez gara arrantzaleak! Finn: Ez? Eta zer gara? Seric: Utzidazu pentsatzen, oldozten... Badakit! Euskal Herriko kostaldeko herrietan ari garen arizaleak gara eta aritzean bagara. Horregatik janzten dugu horrela. Finn: Egia! Arin-arin baten erritmo bizian abesten dute oraingoan: “Neska zaharrak joaten dira Madalenara, Madalenara...” Seric: Elantxoben nago, Finn, pasa katxia! Finn: Eta ni Bermeon, teila bota behar dut mundakarrei argi uzteko norena den Izaro. Seric: Eta ni Getarian! Finn: Eta ni ere Getarian, Lapurdikoan! Biak alai: “Neska zaharrak joaten dira Madalenara, Madalenara...” Seric ufaka hasten da bat-batean Seric: Ufa, Finn, pot eginda nago. Dagoeneko ez naiz nintzena. Finn: Noski! Gaurregun ari zarena bakarrik izan ahal zara. Seric: Bai, egia, horregatik janzten dugu horrela. Finn: A la moda, zein baino zein zera... zein baino zein zerago. Seric: Atorra janzteak egiten gaitu. Arin-arinen erritmoan, hirugarren aldiz ekiten diote, oraingoan lasai eta txistuka Finn: Seric, zergatik janzten duzu zuk gona? Seric: Gona? Gona nik? Burutik egin zaizu? Halakorik! Isilunea. Sericek bere buruari begiratzen dio Seric: Aiiiiiiiiiiii!!! Finni begiratzen dio izu-laborrian ezer esan gabe. Finnek, ordea, ez dio ezer Seric: Baina zertan nabil, ba, gona jantzita? Finn: Ez dakit, Seric, ez dakit. Hautsi da Anphora, Seric, hautsi da Anphora. Orain dena da gertagarri. Seric: Dena gertagarri ala dena barregarri? Nora joango naiz honelaxe jantzita? Nora, ni bezalako gizon...? Finn: Gizon... Seric: Gizon... iletsua! Hartza zer naiz ba, alajainkoa, hartza! Isilunea Finn: Seric. Seric: Zer, Finn? Finn: Ez zaizu horren gaizki geratzen. Seric: Ez esan babokeriarik!! ! Finn: Ez, benetan, nahiko ondo gelditzen zaizu. Seric: Isilik egon zaitez, Finn! (Isilunea eta geroago beldurrez) Seguru zaude, Finn? Finn: Seguru. Seric: Ba... orain esaten duzula, egia da, nahiko ondo gelditzen zait. Ni egia esan beti izan naiz nahiko gonazalea. Braveheart ikusi nuenetik, batez ere. Finn: Ikusten? Seric: Gonadun gizonok. Munduko moda-pasarela ospetsuenetan gaude. Finn: Hala da, Seric. Ibiltzen dira. Sericek bere gona disfrutatzen du, erakutsi egiten du Seric: (kezkaz) Finn, bestela sentitu zara inoiz? Finn: Noski, Seric. Dagoeneko ez gara garena, hautsi da Anphora, akordatzen? Seric: Bai, baina... ez. Esan gura dut: inoiz sentitu zara, badakizu... (xuxurla batean) bestea? Finn: Zer? Seric: (Nahiko baxu oraindik) Ea sentitu zaren inoiz bes-te-a. Finn: Ez dizut entzuten, berba egin ezazu gorago. Seric: Joder, ea inoiz sentitu zaren emakume!!!!! ! Finn: A... bestea. Seric: Bai, bestea!!!!!! ! Finn: Ez, Finn. Eta zu? Seric: Ni ez. Nola ni? Bueno inoiz... Finn: Inoiz zer, Seric? Seric: Nire nia ni errotu bat ez denetik, alegia, nire niak ni itxi bat izateari utzi dionetik aritze baten alde, ba sentitzen dut sartu-irtenak egiten ditudala beste aldera. Finn: Sartu-irtenak... Seric: Bai, dena azaldu behar zaizu!? Oraingo arinaizela maskulinoak zera femeninoak onartzen ditu. Finn: Jakina, hautsi da Anphora. Seric: Bai, hautsi da Anphora. Akabo cisgeneroak. Isilunea Finn: Hautsi da Anphora!!!! ! Seric: Hautsi dun Anphora!!!!! ! Finn: Hautsi dek Anphora!!!! ! Elkarri begiratzen diote deskubrimentu handia egin balute bezala Biak: Hautsi dunk Anphora!!! ! Errepikatze zoro-alaian hasten dira batetik bestera dabiltzalarik. Biak: Dunk, dunk, dunk-dunk-dunk!!!! Dunk, dunk, dunk- dunk-dunk!!!! Dunk, dunk, dunk-dunk-dunk!!!! Dunk, dunk, dunk-dunk-dunk!!!! Dunk, dunk, dunk-dunk-dunk!!! ! Seric: Finn, zeharka dezagun marra! Igaro gaitezen kantxaren bestaldera! Finn: Bai, cross dezagun the marra! Kantxa hau da geure armairua! Geure closet-a! Sarea saltoka zeharkatu ahala hitz bana esaten dute Seric: Andrazkoa! Finn: Gizona! Seric: Cross-dresserra! Finn: Trabestia! Seric: Queeeeeen! Finn: Kiiiiing! Seric: Transgeneroa! Finn: Butch! Seric: Femme! Finn: Tomboy! Seric: Ladyboy! Finn: Intergeneroa! Seric: Bigeneroa! Finn: Triiiiii! Seric: Cuatriiiiii! Finn: Fluidoa! Seric: Pangeneroa! Finn: Ageneroa! Barre egiten dute. Jausi egiten dira lurrera neka eginda. Seric: Asexuala! Ez, ez, kar, kar, asexuala ez, homosexuala! Finn: Homosexuala? Baina hori ezinezkoa da. Seric: Ezinezkoa, ez dago ezer ezinezkorik, aritu besterik ez da egin behar, oroitzen? Finn: Bai, baina homesexuala izateko larrua jo beharra dago, a-ri-tu eta zu... Seric: Ssssss, ixo. Ba, orduan, heterosexuala, lehen bezala. Finn: Baina horretarako ere jo behar da larrua. Seric: Ba, bisexuala! Finn: Uf! Horretarako doble jo behar duzu. Seric: Orduan zer naiz? Finn: Zerosexuala? Nanosexuala? Seric: (kezkaturik) Baina emakumea bai, ezta Finn? Finn: Emakumea zara, Seric. Gara! Ahalegintzen bazara, zara. Egiten duguna gara. Zu orain emakume ari zara, ezta? Seric: Ba zorabio honekin ez nago seguru, uste dut ari naizela. Finn: Ba ari bazara, zara, dudarik ez izan. Bide batez, nola utzi duzu komuneko tapa? Seric: Komuneko tapa...? Finn: Ez zabiltza zeharo emakume, Seric, oraindik ez zabiltza zeharo emakume. Gainera, berdin da. Dena dago galduta. Hautsi da Anphora. Ez dago zereginik. Dena da eraikitze hutsa. Seric: Bai, dena da iruzur handi bat. Finn: Begiratu Euskadi nola mehetu den! Seric: Nola aldatu den! Bihar batek daki, Trebiñok bakarrik osatuko du Euskadi! Kaguenlarrusia! Finn: Orain ezin dezakezu Gora Euskadi Askatuta oihukatu ze ez dakizu ze ostiak askatzen ari zaren. Askatzen ari zara Iparralde? Askatzen ari zara Nafarroa? Ala bakarrik Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba? Ze gogo gutxi Euskadi askatzeko! Eta, gainera, eraikuntza soziala denez, ezin da berez askatu. Hautsi da Anphora. Gehiena gure imaginazioan dago. Seric: Euskadikoa zara. Ba orain ez zara Euskadikoa. Finn: Artefakto sozial hutsa! Bilbao Basket ikustera zoaz. Eta hurrengo partidan Bilbao Cajamadrid Baloncesto ikustera zoaz. Seric: Beste eraikitze bat. Eta nire etxe ondoan dagoen futbol-zelaia... Finn: Santi Mamiñe? Seric: Biharko Juan Mari Aburto Arena! Finn: Gizarte-konstrukzioa! Seric: Nik egiten zaitut. Finn: Nik desegiten zaitut. Seric: Badminton sarea: neuk eraiki zaitut eta orain deseraiki egiten zaitut. Eta berreraiki egiten zaitut: orain Ipad-a zara. Finn: Ipad-a: deseraiki egiten zaitut. Zisnea zara berreraikitzean. Seric: Euskadi: Sabino eraiki zintuen, sozialistek komunitate autonoma bihurtu zaituzte eta nik atzera ere berreraikitzen zaitut: gaurtik aurrera Laponiaraino hedatuko zara. Finn: Deseraikitzen zaitut Seric, Finn zara orain. Seric: Eta zu Seric. Eta ni Seric ostera ere. Finn: Eta ni Finn berriro. Seric: Ba nik... Nik nire aitaren etxea deseraikiko dut! Finn: Ba..., ba neuk ere deseraikiko dut zure aitaren etxea! Eta gero nirearena ere bai! Seric: Ba... ba... ba nik nire aitaren etxea ez ezik, nire amarena ere baden etxea deseraikiko dut! Finn: Bada orduan... nik zure aitarena deseraikiko dut, eta zure amarena, eta nire aitarena eta nire amarena! ! Seric: Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra... dena gertaera sozial hutsak! Deseraiki egingo dut nire gurasoen etxea! Finn: Pues..., pues nik galduko ditut aziendak, soloak, pinudiak; galduko ditut korrituak, errentak, interesak; eta haien etxea birrinduta geldituko da. Zeharo deseraikia. Seric: Gezurra begi-bistan! Finn: Artifizioa! Seric: Eta armak kenduko dizkigute eta eskuarekin desegingo dugu gure aitaren eta gure amaren etxea. Finn: Eskuak ebakiko dizkidate!!! (jendeari) Begiratu!!!! Eskurik gabe nago!!! Ebaki egin dizkidate eskuak eta besoarekin deseraikiko dut gurasoen etxea. Seric: Besorik gabe utziko naute! Finn: Eta ni bularrik gabe! Seric: Eta arimarekin deseraikiko dut nire aitaren eta nire amaren etxea. Finn: Eta ni hilen naiz. Seric: Ni ere bai. Hil egingo gara biok. Finn: Eta nire arima galduko da. Seric: Ba ba ba... nire askazia galduko da!!!! ! Finn: Baina nire gurasoen etxea deseraikia mantenduko da. Deseraikia baina zutik. Seric: Bai, deseraikia bezain zutik. Zutik dago erakusteko dena gezur handi bat dela eta geuk eraikitakoa baino ez dela existitzen. Finn: Eta deseraikitzen bada, ez da. Seric: Arimarik ere ez dago. Finn: Askaziarik ere ez. Seric pentsatzen gelditzen da Seric: Baina arima ez da banaezina? Finn: Bai, ezta? Bat-bakarra eta banaezina da. Seric: Orduan, horrek esan nahi du berez existitzen dela. Berez sortzen da, inolako prozesu sozialik gabe. Finn: Bai, halakoak izaten dira arimak. Molekulak bezala. Seric: Orduan arima esentzia al da? Finn: Antza bai, horixe da menturaz geure buruari aitor diezaiokegun lizentzia bakarra. Ez dago ezer asozialik, ez dago ezer naturalik, baina arima ordea... Arimalistak izango gara hemendik aurrera, Seric, baina inori ezertxo ere esan gabe. Seric: Arimalistak? Ufa, hau zama! Nik ezin dut horrela bizi. Finn: Zer uste zenuen ba? Desertuan ez dago ezer, ezpada luze ibilita oasiren bat edo beste. Eta ez beti. Eta oasia ere eraikuntza da! Kendu oasia basamortutik eta basamortua izaten jarraituko du. Baina kendu basamortua eta ez da oasirik izango. Eta kendu harea eta ez da basamorturik izango. Orain dena da harea. Eta haizeak nahierara barreiatzen du, gure izatea barreiatu duen bezala. Ni ez naiz zu bezalakoa, ez eta zu ni bezalakoa ere. Seric: Ez? Finn: Ez, ni zu naiz eta zu ni zara. Aspaldi- aspaldian, unetxo batez, zu izatea desiratu nuen. Behin. Baina aspaldi hartan ezinezkoa zen halako pentsamenduak izatea. Ezinezkoa. Baina orain hautsi da Anphora. Ni zu naiz eta zu ni zara. Edo, “zu” eta “ni” eraikitako kategoriak direnez, zu ni naiz eta ni zu zara. Seric: Orduan, ni zu banaiz edo ni zu bazara, ni ni naiz eta zu zu naiz edo zu ni naiz, ezta? Finn: Edo ni ni zara eta zu zu zara edo ni zu zara. Dagoeneko horretan gaude. Zergatik ezin naiz zu izan? Zergatik ezin naiz zu izan? Finnek ingelesez errepikatzen du The Cure musika- taldearen kanta ospetsuaren izenburua, baina kantatu gabe Finn: Why Can't I Be You? (astiro) Why Can't I Be You? (desbarratzen hasten da) Whyyyy Can't I Be Youuuuuu? You're so gorgeous I'll do anything I'll kiss you from your feet to where your head begins. Why Can ́t I Be You? Zergatik ezin naiz zu izan? Seric: (aztoraturik) Ba gura baduzu izan, izan, baina ni ez naiz ni, ezta zara ni edo zu ere. Finn: Ez? Seric: Ez. Ni hura naiz. Finn: Hura? Sericek Mad Max estiloko begi bat jartzen du begi batean Seric: Hura, bai. Cyborg-a naiz. Beraz, ez ni ez zu, hura! Cyborg-ak hartu nau, izaki zibernetikoa naiz dagoeneko. Pasaportea ere badut. Begiratu! Eta pasaporteak inplante guztiak jasotzen ditu. Bat, ezkerreko begi sintetikoa, 3Dko bio-inprimagailu batek sortua; bi, buruan antena zibernetikoa: aurrean ditudan koloreak antzematen ditu eta soinu-uhin bilakatzen ditu atoan; hiru, eskuineko besaurrean zentzumenen oroimen-biltegia, ikonikoa eta ekoikoa; eta azkenik, titaniazko barrabil inteligenteak. Baina horiek ez dizkizut erakutsiko. Laster munduak mobilentzako aplikazioak sortzeari utziko dio, eta gure buru-gorpuntzentzako software-a bakarrik ekoitziko du. Jada ez naiz ni, teknologia hutsa naiz. Finn: Teknologia....! (harritu plantak egiten) Lasai, inork ez du ezer jakingo. Hauxe gure sekretu ttipia izango da. Zuk eta biok bakarrik jakingo dugu, edo zaiborgek eta biok, nahi duzun bezala, edo nahi duen bezala, ze jada ez dakit nola mintzatu behar natzaizun, natzaion. Edozein kasutan, geure sekretua da. Gainera, guztiek jakingo balute ez direla direna baizik eta uneoro ari direna, hau katastrofikoa litzateke. Funtsezkoa da jendeak alienatuta jarraitzea, deus jakin gabe menderaturik egotea. Eta ez kupitu! Ederto batean bizi dira. Gosaldu egiten dute, hondartzara joaten dira, txakurra ateratzen dute, telebistako aldagailuaz borrokatzen dira..., ohikoak diren gauzak, baina ohartu gabe ezertaz. Ohartzea iraultza litzateke! Dagoeneko ez gara aritzen ez pertsona, ez gizon, ez emakume, ez herritar ez eta beste ezein kategoria moduan. Seric: Ez? Finn: Ez. Seric: Eta nola aritzen gara? Finn: Metapertsona moduan! Seric: Metapertsona? Finn: Metaemakume. Metagizon. Metaherritar. Eta zure kasuan metazaiborg. Zeren eta zu eta biok gai gara aritzean garen pertsona eta zaiborg horiei buruz gogoetatzeko eta gogoeta horiek, era berean, aritzeak ere badira. Aritzeak diren gogoeta horiek etengabe egiten gaituzte. Seric: Orduan, zer gara? Metadona? Gero eta gutxiago ulertzen dut. Finn erdira hurreratzen da. Hotsandiz mintzo da. Finn: Ez gara ezer. Izatea gure denboretako lakra nagusia da. Hautsi da Anphora baina, gainera, zeharo. Ez gara ezer. Ni neu eznaiztarra naiz eta zu etzaraztarra, edo ezzaiborgztarra. Zehatzago esanda, metaeznaiztarra eta zu metaezzaiborgztarra. Ez garaztarrak gara. Metaezgaraztarrak! Isilunea. Seric ezin ulerturik Finni begira. Finn are solemnitate latzagoz Finn: Egia esan, ezta hori ere. Zeren eta ezdiratarrak edo metaezdiratarrak, azken finean, badira, badira ezer. Oinarrizko egiaztapena da. Egia bakarra da praktika hutsak daudela, praktikak eta metapraktikak. Praktiketatik harago ez dago ezer! Beraz ni ez naiz, ni aritzen naiz. Hori ez da zuhaitza. Zuhaitzatu egiten du. Seric: (zalantzakor) Orduan... hori ez da etxea. Etxeatu egiten zaigu. Finn: Horixe! Eta ni ez naiz badmintonlaria: badmintoneatu egiten dizut. Seric: Eta zu ez zara gizona: gizondu egiten diguzu. Finn: Eta zu ez zara jada lerdo bat: lerdotu egiten zatzaizkit. Seric: Eta zu zorionez ez zara kaiku kapeladun babalore bat: kaiku kapeladun babaloretu egiten duzu. Hori bakarrik! Finn: (urduri eta haserre) Baina... Baina ni beti izan naiz Finn!! Eta nire aita ere Finn zen. Eta nire aitona. Eta nire birraitona. Hirurehun Finn bata bestearen atzetik. Seric: Eta ni milaka Seric lehen neardentaletaraino ailegatu arte! Finn: Eta ni sekula hautsi ez den kate baten azken kate-begia! Seric: Ba, ba... ba nigandik sortuko dira besteak!! ! Finn: Ba nire leinuaren leloa Aritu eta Jarrai da! Seric: Ba nirearena Enbor beretik! Finn: Pues gu Aitaren etxean gotortu gara menderen mendetan! Seric: Eta gu... eta gu Amaren suan berotu sekula eta beti! Finn: Iruzurti halakoa! Seric: Inpostorea! Finn: Jarri zure kantxan!! ! Seric: Nahi duzunean!! ! Finn: Prest zaude? Txiki-txiki egingo zaitut! ! Seric: Inoiz ez dut partidarik galdu zure kontra. Eta hauxe ez da lehena izango. Finn: Isilik egon zaitez!!! Sinboloa!!! ! Seric: Mitoa!!! ! Finn: Taldea!!! ! Seric: Ikonoa!!! ! Finn: Izena!! ! Seric: Izana!!! ! AMAIERA
booktegi.eus http://www.susa-literatura.eus/ © 2011 Leire Bilbao © edizio honena: Susa LEIRE BILBAO scanner poesia gosea da AMAZ ERDITU NAIZ 1977ko URRIKO GAU BAT Urriko gau batez aita eta ama euren logelan, oraindik ez nire ez beste inoren aita eta ama ez direnean. Gizonak jertsea erantzi du: aulki gainean utziz burua kendu dioten hilotza. Andreak armairuan sartu ditu galtzak eta alkandora: pertxatik zintzilik beste emakume urkatu bat. Bietako batek ere ez dio komodako ispiluari begiratu. Maindire artera sartu dira bakoitza bere ohe ertzetik: mugaren alde biak eta aduana. Hezetasunak hartutako pareta zatia irudimenez margotzen ahalegindu da andrea. Hotzak ditu oinak. Kuzkurtu egin da gizonaren sabelpera, beroa da haren aho-lurruna. Argiak itzalita izarak ez dira zuriak; gorputzak bai, garbiagoak dira. Andreak eguna du nahiago. Gizonak gaua. Urriko gau hartan aita eta ama oraindik ez nire ez beste inoren aita eta ama ez direnean desiratzera behartuta ezkon-ohean nor bere bazterrean loak hartzeko zain. TERRA NOVA Nire bizitzan oso goiz izan zen berandu. Marguerite Duras Berandu jaio zinen esaten zidan amak. Bi astez berandutu nintzen munduari beldurrez. Beste bi astez izan nintzen arrain gorri amaren urontzian. Hiru kilo seiehun argitu zion irrati-telefonoz aitari. Ipurdiko bat eta negar egin nuen aitarentzat. Nire alaba! Nire alaba! entzun zen brankan. Ondo gabiltza arrantzan cambio y corto. Gau hartako marinelen edariak aitaren kontura izan ziren. Gau hartan aitak pozik egin zuen lo. Sei hilabetera ezagutuko zuen amaren amuko arraina. Bere besoetan hartu ninduenean lehen aldiz igeri egin nuen itsasoan. Badakit ez zela nire negarra gazitasun busti hura. AITA Umetan gorroto nuen etxera etortzen zen gizon hura: bizarra egin gabe, Old Spice usainaz. Harrian husten zuen fardela, bidean uzten odol eta kresal tantak, eta nire aurrean arrainak begiak zabal, bata bestearen gainean hilda. Dutxa hartu eta amarekin oheratzen zen. Kiratsik gabe ere gorroto nuen umetan etxera etortzen zen gizon hura. Bere musuek ziztatu egiten zidaten azala. Eskerrak etorri ahala joaten zen, eskerrak Gabonetan ere ikusten ez nuen. Arrainei begiak kendu eta kaniketan jolasten nintzen pasilloan. Umetan gorroto nuen gizonak etxean aingura bota zuen egunean balantzaka hasi ziren habeak. Olatuekin bazkaldu genuen, negar egin zuen ahizpa gazteak. Itsasoa utzi zuen gizonari ez zitzaion itsaso usaina joaten. Orain, arrain-hezurrezko bizarra laztantzen diodanean inoiz gorroto izan nuela akordatzen naiz. UMETAKO PORTUA Amaren eskutik joaten ginen portura, hilabeteetan izan ez genuen aitaren bila. Garrasi egiten zigun kaiak, egurrezko kaxek langileen eskuetan nola, fenwickek eta izotz makinak ere garrasi. Itsasoari eutsi nahi zioten atzamarrak ziren noraiak, beti zabalik dagoen ate bat zen moila. Arrain buruak lurrean, kalatxorien ahoan. Ahizpa gaztea aitaren hanketan. Ni hor nonbait geratzen nintzen ezkatak biltzen, gasoil usaina dastatzen. Traba egiten nuen: portuko nasan, autoan etxeranzkoan, beti erdian izkinei beldur. Arrainak bezala betazalik gabe ni. Aitaren bila joateari utzi genion halako batean umeen orduak ez direlako itsasoarenak, lotan geundela zabaltzen zelako etxeko atea, bera gabe bizitzera ohitu ginelako. OINEZ IRAKATSI DIZUN HORI hotza da familia inoiz kalean ahaztu oinetakoa da familia inoiz arrotza oinutsik ibili eta berriz janztean zure oinetara egina dagoela ohartzen zarena ibiltzeko da familia kalean ahaztu oinetakoa da larruzkoa zikindua emana oinez irakatsi dizun hori da familia lurrarekin lotzen zaituena zulatzean aspertzean oinetakoak bezain erraz aldatu ezin duzuna espaloi ertzean dago familia kalean ahaztu oinetakoa da leihotik botatako haserrea da eskailera jaitsi eskuetan hartu eta berriz janzteko beharra duzuna ETXEKO DRAGOIA Amak dena garbitzen du jasoa zaindua ordenatua behar da etxea trapuak ateratzen zaizkio Amari eskuetatik besoetatik omoplatoetatik hegan egiten du dragoi zaindari batek bezala bere gazteluan Amak keinu batekin eltzeak jartzen ditu sutan behi okela egosten du hegalak zabaltzen ditu kumeok batzeko Amak dena dauka prest Ama beti dago prest Amak dena egiten du ondoen hautsa astintzen du edonoiz sua ateratzen da Amaren ahotik orro egiten du bakea agindu behar denean Amak dena garbitzen du jasoa zaindua ordenatua behar da etxea Ama beti dago hor Ama beti dago hemen Amak ez du etxean arrotzik nahi Amak ez du zomorrorik inurririk puntu beltzik nahi Amak sua eragin dezake ahoarekin begiekin esku biekin egun batean Amak Aita garbitu eta atseden unerik hartu gabe arrautza zaharra erruten eseriko da DESIOA Inoiz zabaldu al duzu zure ama erditik? Marrubi bat bezala? Gutxitan gara desio duguna. Amak ispiluan haztatzen du bere buztinezko gorputz zimurtua. Atzamar bustiekin zeharkatzen ditu atalak: desertua, egarria, arrakalak, zementua. Ohartu da berandu dela, ur tantez alferrik moldatuko duela. Ileekin batera katigatu zaizkio desioak orrazian. Sorbaldak amildegi ertzean ditu, suge bat bizkarrean, ibaiak izterretan gora eta behera, harrien pisua ahoan. Ispiluak gero eta arinago irabazten dio pultsua. Alabaren gainean pausatzen ditu begiak isla hobe baten bila. Eta hala ere desertua, egarria, arrakalak, zementua sentitzen du alaba ere bere itxura hartzen ari dela barrutik sentitzen du marrubiei bezala bihotza falta zaiola sentitzen du ez dela berak desio zuena. AMESTU NAHI ZINTUZKET Ama, gaztetu nahi zintuzket neu ere ume izan nadin. Haizeak ditut saihets artean ezin dute ihes egin. Ama, ilea luzatu nahi nizuke neuri ere orraz diezadazun, min egiten zenidan arren amatasunezko amorru harekin. Ama, amestu nahi zintuzket hogei urterekin beti, zelai batean dantzan kristalezko kanpaiak hautsiz. Ama, asmatu nahi zintuzket sabel azpiko orbainik gabe, ahantz dezazun nondik atera nintzen leun, irribarrez; seme-alabarik gabe. Ama, askatu nahi zintuzket libre izan nadin neu ere. BIHAR EZ DAKIT ZER EZ DUDAN JAKINGO Ama hil zaigu lanak itota. J.A. ARTZE Gure amak ez daki nor den Walt Whitman kapitain baten hilotza maitatu zuen arren. Ez du Victor Hugo inoiz irakurri, Jean Valjean, Fantine eta Monsieur Madeleine ametsetan agertu izan zaizkion arren. Ez daki nor diren Faulkner, Jelinek edo Carver nahiz eta maleta zahar batean hilobiratu zituen denei hautsa maitekiro kendu ostean. Gure ama pianotzat hartu izan dute inoiz Bachek, Mozartek, Ellingtonek. Haren begi elurtuetan odol tanta bat da Malevitxen etxe gorria. Gerriko minez dabil aspaldian eta hala ere etxeko lanak amaitu eta kalera ateratzen da egunero izebarekin eguzkia, hotza zein beroa, hartzera. Gure amak, paperezko deiak egiten etxean utzi duen alabari, bizitza zertarako den jakitera iritsi gabe hilko direla biak ala biak azaltzen jakin nahi luke. AUTOPSIA Ez naiz ama hiltzera etorri arrastoei segika atera naiz. Ez dut topatu espero nuen piztia arma homizida. Lurrean zurbil pultsua hartu diot no, no, no, no, no ez naiz ni izan. Ez naiz ama hiltzera etorri bere bila atera naiz. Aiztoa zorrotz alga eta ezkatez estalita denbora darama hotz. Inork ez du gorpua altxatu nahi? Ez naiz ama hiltzera etorri ez dut azala trukatu delitu tipifikatuen beldur naiz. Desioak arriskatu ditut don’t think twice kristalak jan espero ez nuen piztia topatu. Ez naiz ama hiltzera etorri bidea desegin dut. Leihotik bere hilotza begietsi etxeko ate guztiak itxi hilda dagoela oihukatu baina ez naiz ni izan. PAPEREZKO DEIAK NI EZ NAIZ LILI BRIK Ni ez naiz Lili Brik ez diot Stalini gutunik idatziko Maiakovskiren poesia goratzen. Ni ez naiz Anna Akhmatova ez ditut poemak erreko semea kartzelatik ateratzearren. Ez naiz Simone de Beauvoir bainugelako ispiluan bere gorputz biluzia argazkiratzen. Ez naiz Rosario Castellanos indigenen ahotsa goratzen. Ez naiz Irene Nemirovski Auschwitzen 1942an. Ez naiz... Ez naiz Frida Kahloren bizkarrezurra. Ez naiz Francesca Woodmanen argazki hautsia. Ez naiz Louise Bourgeoisen armiarma. Ez dakit Marguerite Duras bezala suntsitu esaten. Nire iraultzak nire izena darama XXI. mendeko gaitzak kutsatuta idazten dut hauxe da neure buruaren kontra dudan erresistentzia ekintza bakarra. POETA HILAK Deia egin dut, baina ez dago erantzungo duen inor. JOSÉ EMILIO PACHECO Gaur Blanca Varela hil dela irakurri dut egunkarian. Apalera joan naiz haren poema liburuaren bila; Ana Akhmatova eta Marina Tsvetaieva aurkitu ditut bere gainean, hautsez beteta kantuan. Sylvia Plath zeukaten labetik begira, Philip Larkin leiho altuetatik. Nire idazmahaia poeta hilez beteta dago esan diot Wislawa Szymborskari; eta Mahmud Darwish seinalatu dit, hilobia heze, Dylan Thomasen gainean zetzala. Orduan, burua jiratu eta balantzea koadratzen aurkitu dut Gabriel Aresti, atalasean gogoetan Rosario Castellanos. ...eta telefonoz deitu dizuet bizirik zaudetela ziurtatzeko bakarrik. AUTO-ZENTSURA Emakume idazle baten lehen eginbeharra etxeko aingerua hiltzea da. VIRGINIA WOOLF nire gela propioa izan nahi dut, Woolf otso izan nahi dut, Woolf nekeza da neska otzana izatea letaginak eta azazkalak limatzen ditut goizero behatzoskolak gorriz pintatzen ez dut ulu gehiago irentsi nahi, Woolf balkoietatik sartu nahi dut gauetan eta nirea ez den odolez ase eskuaren ganbilaz muturrak garbitu ilean belar zatiak izan aspertu naiz nire larrua jotzeaz, Woolf listu eta izerdi berberaz esku ahurrak estutzen ditut baina ezin dut aingerurik hil, Woolf ezin ez denik hil behin ibaian itotzeko zorian utzi nuen otsokumeari ahoz aho arnasa eman nahi diot, Woolf beranduegi izan baino lehen MEMORIA Nire izena ahaztu nuen lehendabizi. Eskuak zertarako nituen ahaztu nuen gero, hitzak zertarako diren minak zer esan nahi duen. Nire izena ahaztu nuen lehendabizi. Nigandik espero zituzten esperantza guztiak ahantzi nituen gero, zeini egin behar nion irribarre, zeini eskua oratu. Nire izena ahaztu nuenetik beste ezertaz ez naiz oroitzen. Ordutik aurrera sortzen dut. GALDERA BAT DA GORPUTZA GERO BERANDU IZAN LITEKE Hankak zabaldu ditut ginekologoaren aurrean horma zurian begiak zuri pareta zati leun eta apaingabe baten bila nabil garbia argia hutsa. Zenbat urte ditudan galdetu dit atzamarra nire baginan. Hogeita hamar. «Ez duzu umerik ekarri nahi? Gero berandu izan liteke». Isilunean armiarma bat zintzilikatu da horman ni bezala hanka-zabalik. Diost mundura umeak ekartzeko etorri naizela nire arbaso eta ondorengoak bezala hanka-zabalik amaituko dudala hanka-zabalik jaio ninduten bezala hanka-zabalik bizi beharko dudala. Ziztada bat sentitu dut baginan. Segidan esku bat ezkerreko izterrean. Janzteko agindu dit kloroformo ahotsez. Oinak bata bestearen kontra estutu eta etzanda jarraitu dut. Izara zuriak estaltzen duen gorpu bat eta armiarma geratu gara gelan: zuloa eta sarea besterik ez dugula. Atea zabaldu da zakar. Bakeroak bilatu ditut estali nahi azkarregi batekin. Armiarma ezkutatu egin da. ESKU BAT esku bat sabelpea auskultatzen atzamar bat hankartetik gora umea egin dut bururik gorputzik asmorik gabe HODEIA zauria zabalik dago plazer guztiek egiten dute min kukurtuta berriz ere zure aurrean masailak gorritu zaizkit hodei bat egin didazu ahoan ANIMALIA Esna dago animalia zerbaiten zain burua zut ozeano azido bana begietan. Azazkalak moztu dizkiot hotz dauka arnasa ez du ispiluan begiratu beharrik ni naizela jakiteko. ZATOZ Animalia bezatua, zatoz nire izter artera haginka. Ez naiz beldur zure begi hotzena. Korronte elektriko bat gorputzak erdibitzen urtegia zabaldu da ura naiz zure atzamarretan. Emango dizut nire bizkarreko arkua lur zati bat, ezpainen zauria animalia bezatua, zatoz nire izter artera haginka. Zu basati bihurtzeko arriskua onartua dut. BEHORRA Zure izerdia daramat ahoan hortz artean lur lehorra eta belarra. Dakidan egoismorik zintzoenean diotsut behor bat izan nahi dut zelaian zure askatasuna jaten. IZERDIAREN PAISAIA Ura moztu didate etxean eta egarri zaitut. Edaten eman nahi diot nire barruko putzuari, egia hau laztantzeari utzi. Errekak entzuten ditut hormetan bideak zabaltzen, lurreko egurra hausten, puzten. Izerdiaren paisaia da gurea: beroaren neguarena hotzaren udarena uneoro euritan dauden leihoena. Izotz guztiek nahi dute ur izan, ur guztiek lurrun. Memoria du egarri honek, urak bezala beti asmatzen du nola ihes egin. KAIOLAN zure bular hezurren barruan txori bat dabil zure bular hezurren barruan nire burua dago zure bular gainean lo hartzen duen txoria izan nahi dut GALDERA BAT DA NIRE GORPUTZA nire gorputza galdera ikurra da bere puntuaren bila plastikoa bezala urtzen da nahiz eta antikonjelanteak izan biriketan suge bat darama bizkarrean zigilu bat ipurmasailean dena ezkutatzen du kezko azalean zabalik uzten dut batzuetan armairuak bezala barrura begiratu beharrik ez izateko oihu egiten duenean saihestu egiten dut bestetan aulki batean aparkatuta larregi ahazten naiz berataz baina atzetik datorkit nahitaez galdera ikurra legez noiznahi abandonatuko duen esaldi baten ostean AMARAUNA Ez ni ulertzen saiatu ez nire haserrea edan. Egizu nire ondoan lo estutu egidazu eskua. Emakume gozo bat naiz azal guria azal zuria zainak ikusten zaizkit. Erabili eta ez naiz haserretuko erabili eta ez naiz poztuko erabili eta ahantz nazazu logeletan. Ez ni sarean lotu utz nazazu zuloan. Ezaba nazazu izaretatik zure eskuetatik beste inor ukitu aurretik. Armiarmak beti gaude hanka-zabalik. ANIMALIAK OHEAN elurra ari du larrua jotzen dizudan bitartean «ez dago maitasun aseptikorik» diotsut leihoak izerdituta odol tantak izaretan gu: bi elefante igerian bero urdina gaur zoriona ez dator berandu katuak bezala miazkatzen dizkizut zauriak animalia guztiak naiz zugan lepoa ohe ertzetik kanpo hilko zaitut une betez isiltasuna musukatuko dizut mudatuko naiz behin eta berriz hondartutako balea zara orain hezurrak agerian eta ni zakur bat zure eskeletoa berriz itsasoratu nahian alferrik dabilena MAITALE IMAJINARIOA maitale imajinario bat daukat hozka egiten diot titi puntetan egiazkoa den jakiteko haren ileak daramatzat hortz artean bakarrik nagoenean bakarrik besarkatzen nau orduan bortizki atsegina da nirekin badaki nire lasaitasuna aztoratzen Auschwitz-eko dutxetan sartzen nau berarekin jo ostean Doctor No bezain krudela da nahi duenean larriegi maite dut odola mehetzen didan arren batzuetan burkoa ureztatzen aurkitzen dut bestetan ehorzlea da ni izaretan biltzen jaio berrien ezpainak ditu baina ez dit hitz egiten maitale imajinario bat daukat uhalik gabe daramat nire gainean nire menean maitale imajinarioak berak nauka ahoan esku batekin arnasa itotzen KRISTALEN GAUA ez dizut ezer esango zure ohetik jaikitzen naizenean lurretik jasotzen ditut harriak arropen ordez hitzen hotza estaltzeko gorri ditut masailak eta izterrak mingaina pasa dizudan lurmutur guztiak gorri zuk horrela ulertzen nauzu dantzari bat zure sabelean laku artifizial baten gainean oinak izozten zaizkit hausteko beldur naiz orduan geruzaren bestaldean zu nire zilbor hestetik tira eginez ez itotzeko hau ez da kristalen gaua giharrak beira bihurtzen zaizkit libra nadin zu epaitzetik atarian dudan zakurrak zaunka egiten dizu zure besoetan jolastu ez den guztiagatik bueltatzen dizkizut mingaina azala arnasa eraman itzazu errekak hodeiak galderak ez dizut ezer esango ez maite ez agur ez itxoidazu esna ez zaitut jaikiko nire ohe azpitik ez zureak hainbeste baina niri ere desioak gaiztotu zaizkit ZAKURRAK LABADORAN LABADORA Zu hil zinen egunean labadora bat erosi nuen. Atexka zabaltzean oinak busti zitzaizkidan, ezustean harrapatu ninduen urak. Erreka urdinak ditut bularrean, badakizu, itsasoak gainezka egiten dit ahotik. Labadoraren eskotillatik itsasoari begira izan zen, bat-batean xaboi eta trapu artean olatuak eraman zintuela jakin nuen, garbigailu barrura atzamarrak sartu eta zure bila aritu nintzen alferrik. Ahotik egin nuen negar belarrietatik zilborretik eskuetatik azaletik, eta orain hildako ibaiak ditut zainetan, eta labadora berri bat. KALEKO ZAKURRA nirea bezain inorena naiz bere itzala jaten saiatzen den zakurrari bezala gertatzen zait urduri jartzen naute maitasun abestiek badiotsut: irrati dialen zapping-ean entrenatuta daude nire atzamarrak orrazi izateari uzten diotenean berez beleak ditut ilean batzuetan eskutan hartzen ditut hegan joaten ez direnean gertura zakurraren itzala bezala horregatik galdu nuen aspaldi galtzearen sentsazioa mesedez konta iezazkidazu ahaztu ditzakedan gauzak poltsa zulatuetatik ihes egiten dutenak aspaldian pertxak sobratzen zaizkit armairuan inork ez dit ezkaratzetik bainugelara dei egiten aulki hutsez inguratua nago nirea bezain inorena naiz kaleko zakurren gisa itxurak egiten jarrai dezaket neure buruarekin orain bezala ohearen beste aldean jarriko naiz adibidez alde batera begiratzen dudanean ni baino falta ez nadin BELARRA belarra atera zaio etxeko sofari egarri naizenean ihintza edaten dut zerua desertu urdin bat da nire gainean eta ez dut leiho beharrik portuak lehortzen doazela ikusteko farolez eginiko mendi bat daukat aurrean asfaltoa dut oinetako olatu beltz estatiko bihurgunez justifikatua espaloietako losen azpian aspaldian ez dut izaki bizidunik aurkitzen gero eta putzu gutxiago daude gure herrian denbora da ez ditudala oinak uretan busti belarra atera zaio etxeko sofari haren gainean luze botata egoteagatik bueltak ematen ditut nire inguruan fetuak umetokian bezala neure buruari zorionekoak zein mundutan bizi garen zehazki ez dakigunok EDERMINA Maite dut balkoietako mihiseen azpitik hegan egitea, eskuekin sagarrak erdibitzen dituen jendea, harrien pentsaera, eta hala ere minaren beharra dut zoriontsu izateko. Minaren beharra dut, egurrezkoa naizelako herdoilezkoa hautsezkoa harizkoa. Badakit neure burua samurki suntsitzen. Nola egiten den ikasi dut jendeari begira. Zakarki egiten dutenak errefusatzen ditugu, egin samurki esaten diegu samurki. Leungarri, lixiba usain eta ia markarik gabeko heriotza publiko bat gehiago da hau. Ez du molestatzen norberari baino. Barrutik jaten da barrua. Eta hala ere maite dut leiho zabalduak besarkatzea, begiekin irribarre egiten duen jendea, polenaren dantza. Mina irentsi ostean bakarrik dakit zorionekoa naizena. ESKUAK HASERRE Zerbait berria aukeratu dut, alferrik ez sufritzea. ADRIENNE RICH Okaranak janez hitz egin dugu liburuez, eguraldiaz eta nork bere buruaz. Esan didazu: haserre dituzula eskuak, ezagutzen dituzun tanatorio guztiek jatetxe bat dutela ondoan, telefonoak bete duela zure lekua gurasoen etxean. Ez dakit zehatz zer esan dizudan nik: gogoan zaituztela nire eskuek maite dudala irribarre erraza duen jendea, logela huts bat naizela amarenean. Esan didazu: zure erdiak lo egin nahi duela eta besteak hozka, zaila dela erraza izatea, dena dela jolasa, dena dela jokoa. Erantzun dizut: batzuetan oso urrun nagoela nigandik, ez dakidala nongoa naizen gaur, bihar zer izan nintzen. Esan didazu goxo daudela okaranak baietz erantzun dizut nik. TELEFONO DEIAK Bluesak dira gure telefono deiak «etxera sartzen ari naiz oinetakoak kendu ditut». Zuk hitz egiten duzun bitartean ez dut hotzik. Telebista pizten dut mutu berokia botatzen lurrera Afganistango soldadu baten hilotza korridorean. Ez larritzeko esaten didazu guda gehiegi daudela zabalik hemen eta munduan. Hauts gehiegi hartu du etxeak hatz-markak nonahi beti dago gure espezieko norbait esna horregatik naiz beldur. Sukaldean eltzea jartzen dut urez armairuak zabaltzen ditut banan-banan bakarrik afalduko dut gaur ere. Tomate bat hartu dut erditik irekitzeko. Odoletan hasi da aiztoa. APNEA segundo bat kloro usaina nire eskuetan kalea igerileku bat da non biluzik jantzita doazen oinezkoak bi sorosleak desagertu egin dira gainean neraman xukaderarekin batera bat-batean hiru lepoa mugitzea besterik ez dut arnasa hartzeko urtu egin da paisaia ez naiz pisu lau igeri noa kaletik enbor bat bezala ibaian behera inork ez du nire biluztasunean erreparatzen bost besoak mugitzen ditut hankak tximistaz bete zaizkit atzamarrak ura urratzen sei lepoa jiratzen dut berriz ezker-eskuin inora ez begiratzeko zazpi nire itzal horizontalarekin topo egin dut ura belarrietan korronteak narama zortzi nire biriketatik edaten dut gutxi falta zait muga igarotzeko bederatzi segundo bakar bat gehiago neure kabuz inoren laguntzarik barik hondoratu nadin hamar eskua bat sentitu dut lepotik gora tiraka gaur ez didate utziko gaur ere ez gaur ere ez ASFALTO GOSEA HEGAZKINEN HEGOAK Ez igaro nire besoetatik haratago diote hegazkinek. Do not walk outside this area diotsut nik ere, ez dut salbamendu-txalekorik jesarleku azpian ez oxigeno maskararik arnasa osten didazunerako. Do not walk outside this area No pisar fuera de la línea Leihatila honetatik zerua ikusten nuelakoan gerrikorik gabe ibili naiz. Aduana igarotzeko galdetegiak bete ditut: Nondik zatoz? Nora zoaz? Gaixotasun sintomarik igartzen al duzu? Zurekin egiten dudan keinu bera errepikatu dut automatikoki check control-a igarotzeko. Oinetakoak eta erlojua erantzi, plastikozko ontzi batean nire ondasun guztiak utzi. Igarriko al du eskanerrak zenbat denbora dagoen erlojuaren barruan?, zenbat kilometro nire oinetako parean? Begirada garbitu behar izan dut kontroletik igarotzeko, izterrak, besoak... haztatu dizkidate, aurpegia ez, ez didazu sekula ukitzen. Segurtasun zaindaria asaldatzeko beldur ez banintz neure gorputza eskanerretik pasatzeko eskatuko nioke, luze, etzanda zurekin bezala. Herrialdetik irteteko zerga ordaindu dut. Pasaportean zure zigilua daramat betirako. HONDEAMAKINAK eraikuntza hotsa leiho itxietatik nire logelara sartzen hondeamakinak lanean ari dira zuhaixkez belarrez biluztu dute mendi hegala harria bistaratu nahi dute lehendabizi lur gorria atera langile azazkal beltzak eta izerdia zure eskuarekin batera nire azalean etxebizitzak eraikiko dituztela dio iragarki panelak mendia besterik ez zegoen tokian familia osoak sartuko dira zementuzko eraikinean ondo zulatu behar da lurra dio obrako arduradunak zulatu egonkortu zulatu leihotik begira gu biok langileen amen eskuak dirudite garabiek bere seme-alaben sehaskak kulunkatzen lur gorri arrea agerian zementua botatzen hasiko dira laster musukatu egiten nauzu teilatu baten beharra omen du jende guztiak laurogeita hamar metro karratu solairuko planoen arabera lur puska bati bizia ematen omen diote horixe da eskaintza horixe entzuten dut zure hondeamakinak nire haragia zulatzen duenean CONVOI EXCEPTIONNEL Convoi exceptionnel batekin topo egin dut astean hirugarrenez. Moilako harriak garraiatzen dituzten kamioiek, alarma gorria piztuta, uretan nekez urtuko diren azukre koxkorrak karratuak trinkoak daramatzate gainean. Convoi exceptionnel irakurri dut hirugarrenez autoan astean, harriak errepidean pisu geldo euskarria eusten moilara jaurtiko dituzten harri kiloak soinean. Harri bloke horiek imajinatu ditut ondoren, portuko moila eusten hazten higaduren aurka erresistentzia etsia eutsia. Nire moilari begira jarri naiz halabeharrez, ze itsasoren kontra ari ote dira nire harri bloke hauek guztiz higatzeko zenbat beharko ote dute. Convoi exceptionnel bat behar dut harriz mudatu nazaten. ENBOR MOZTUAK Autoa errepidearen alkitranean kamioi baten ostean noa. Enbor moztuak daramatza ebakitako atzamarrak bezala bata bestearen gainean. Eta nik zure eskua dut min. Zure eskuaren minez, ondoko eserlekura luzatu dut neurea ohi nuen legez zure belaunetan pausatzeko, eta orduan hezurren hutsunea ukitu dudanean basoko langileak sentitu ditut aizkorakadaka. Zureekin lotu ez ziren nire atzamarrak doaz kamioian eta orain ez dakit nola ukituko zaitudan berriz. AUTOBUSA HARTU BEHAR DUT Gizon bat ikusi dut gaur hiltzen. Sagarrak ekarri dizkit banketxera, txikiak eta heldugabeak, hosto eta guzti. «Badakit orduz aurretik nabilela» esan dit. «Irekiko didazu atea? Presa daukat, autobusa hartu behar dut medikuarengana joateko. Joan den hilean atera ez nuen pentsioaren bila nator». Minutu bat erregutu diot, ordenagailua martxan jartzeko, kutxa gotorra zabaltzeko, alarmak kentzeko... Zigarro beltza erre du bulego atarian. Barrura etortzeko keinua egin diodanean txapela kendu eta kea bota du sudurretik. Ahotsaren lakarra garbituz txanponak eskatu dizkit autobuserako, osteko txikitorako. Eta esku hezurtsua luzatu du, tabernan lagunei luzatzen dien bezala. Nire atzamarrak bereekin estekatu direnean gordetzen zuten bero apurrak ihes egin dio. Gizonak badaki hiltzen ikusi dudala. Eskua baztertu du, zakar plastikozko poltsa zuria zabaldu eta bost sagar atera ditu: etxe ondoko sagardiak emanak, heldugabeak gogorrak mailatuak. «Hamaiketakoa egin dezazun» esan dit. «Behar ditudanak baino gehiago ditut. Esan dizut? Medikuarengana noa gaur ere». Bost sagar garratz dauzkat: usteldu edo jan. TRENA zikin daude kristalak hildako euliak leihopean gortinak dira nire eskuak hormak zeharkatzen ditu trenaren zaratak barrerak jaitsi dira autoak bidaztiak ertzeko guztiok gelditu gara trena nola badoan begiratzearren bizilagunak plastikozko loreak jarri ditu leiho ondoan garbi dago zerua txoriak ere ez dira jada argindar kableetan pausatzen tren taupadak nire bularrean requiem nire hezurrek ez dute hitz egin nahi berbak ez dira beti mapak bideek edonora eta inora eraman zaitzakete nik ere eutsi behar izan diot errepideetako kono gorriak botatzeko tentazioari autodiziplina kontua umetatik euspen-horma izaten erakutsi digutenondako ez zeharkatu argi gorria trena dator heldu eskutik hau da bidea barrerak igotzen hasi dira berriz hasi da dena berriz hasi da dena amaitzen dagoeneko ez naiz makurtu gabe barrera azpitik kabitzen TAXIA Gelditzeko esan diot taxiari. Aho bat bezala zabaldu da atea arrain handiak txikia nola irentsi nau. Helbide bat eta kilometroak besterik ez dut. Eskerrak urontzietan arnasa hartzen dakidan aspaldi ikasi nuen baleen eta erlojuen garaian. Eskerrak bizitzeko baimena eskatzeari utzi niola ez hain aspaldi. Ur berrien bila nabil orain lur zaharrak utzita. Berandu iritsiko naiz. Leku gehiegi dago leku gehiegi eta estutasuna. Dena konpon daitekeela esaten dute eta galdetzen dut zer den dena. Arrainen arnasa nirea. Gelditzeko esan diot taxiari. Barrutik. Atea zabaldu da urontziak gainez egin du lurrean dantzan hasiaz batera hil dira nire arrainak urik gabe igeri egin nahi zuten asmoak. 8F JESARLEKUAN aulki bat izatera behartu naute azafaten irribarreek hegaldia amaitu arte beroa dut oinetan burua leihatilara 90 gradu jiratu eta ohartu naiz errepideak esaldi bihurriak dira zerutik irakurrita hegazkinaren sabelean hodeiek giza-gozokiak jaten dituzte lotuta goaz airean hegan beheko itsasoaren ispiluan ilusio bat besterik ez gara zeruan marraztu den kezko seinalea hegan goaz lotuta hegan maletekin batera utziko gaituzte nothing to declare esango dugu aduanan bitartean lotuta segitzeko zerura bidean loguraz beroa sentitzen dut oinetan ondoko andreak destainaz begiratu dit ume negarra lau ilara aurrerago eztulak beroa ez erre lotu gerrikoa azafata salbamendu txalekoa nola jantzi erakusten ohartu naiz hegazkinak dagoeneko itsasoan galdu duela bere itzala bidaia on bon voyage AHANZTURA ETA GOSEA Hegazkin bat aireratu da gaur nire gorputzetik. Banekien berandu iritsi behar nuela. Elurtua zegoen bidea, oreinak odol tantak ziren errepidean, talka egin nuen batekin. Zuriegia zen bidea: zureegia. Leunki talka, oreinaren dardararekin. Gatza botatzen pasatu nuen negu osoa, elurra kentzeko makinak bidali nituen bidera azala bezala bistaratzeko asfaltoa. Banekien berandu iritsi behar nuela. Zauritutako animaliaren irudia atzeranzko ispiluan. Azeleragailuari irmo zapaltzen nion, hilotz batek adina pisu maletategian. Gurpila beti leku berean jiraka, gatza botatzen negu osoa bidean zuri eta hegazkina airean lurruntzen ahotik ateratzen zitzaizkidan hodeien antzera. Ahanztura eta gosea geratu dira orain nirekin. Maletegian bi hilotz: oreina eta ni. Hegazkin bat aireratu da gaur nire gorputzetik. Banekien berandu iritsi behar nuela. ELURRAREN ISILTASUNA ZURIA, BIGUNA, BUSTIA Nire memoria elurra bezalakoa da: zuria, biguna, bustia; gutxien espero dudanean jausten da gutxien espero dudanean urtzen da. Zaila egiten zait aitortzea nik ere miazkatu ditudala nikotina zaporeko hormak, ni ere izan naizela behi bat kanalean zabaldua, inoiz belar printzak aurkitu ditudala pubisean. Hala ere aratz dago nire birjinitate emozionala. Ez du balio barkamena eskatzeak norbere buruari eman ezean. Nik ere irentsi ditut euliak, biluzik ihes egin diet tigreei, lokatzetan marraztu dut neure gorputza. Eta hala ere nire memoria elurra bezalakoa da: neguan erortzen da, noizbehinka, abisatu gabe. Inoiz berokirik gabe harrapatu nau larrua gorritzeraino, harrapakin errazen antzera oinatzak utzi izan ditut etxeraino. Nire memoria elurra bezalakoa izatea biziraupen kontua da, aldian-aldian erori arren hotz mantentzen delako beti. DESERTUA ez dut desertua aukeratu, Olga ez dut haitzaren alde zailena hartu asfalto gainean noa ez dut basoa aukeratu, Olga ez noa sasi gainean oinez belar moztu berria nahi dut oinpean ez dut itsasoa aukeratu, Olga noizbehinka itsasertzean sartzen ditut oinak hondar beroan arrastaka eroan eta desagertuko den arrasto bat utzi hondarra eta asfaltoa naiz, Olga eta noizbait estali egingo naute hondar eta asfalto gehiagorekin belarra moztu berritan ez dut desertua aukeratu, Olga eta damu naiz ERORTZEKO MODUAK Erortzeko moduak daude: goitik behetik beherago zutik edo alboetara. Erortzeko moduak daude erotzeko moduak dauden bezala. Norbere burua samurki suntsitzeko moduak daude. Badakizu zertaz ari naizen. Esan bizitzen lagunduko diogula elkarri nolabait hiltzen lagunduko diogun bezala. Esan hau ez dela inoren beroa lapurtzea. Esan ez gaudela kalean ahaztu oinetakoak bezala erortzeko zain galderak edo betileak bezala erortzeko zain umeak edo txoriak bezala erotzeko zain. Denok ohartzen gara geure burua saltzen dugunean. OINEN ARTEKO HUTSUNEA Erortzean izan da hegan egin dudan une bakarra beherantz hegan. Kitzikatzen nau lur hartzearen bertigo eta lilurak segundoetako lotura ezak amildegia naiz horrelakoetan. Nire oinen arteko hutsunetik mundu bat pasatzen da inoiz zapalduko ez dudan mundu bat. Errekasto bat ikusten dut batzuetan eskua luzatzen dut atzamarrak bustitzeko nire egarriak berreskuratzeko itotakoen poltsikoak harriz arintzeko umezaroa berriz edateko. Ezin ordea eskuetan gorde. Ez naiz gai egonarria dabilen harri bihurtzeko. Nire oinen arteko hutsunetik mundu bat pasatzen da inoiz zapalduko ez dudan mundu bat. Jakin nahi nuke ahul izateari utziko bagenio ez genukeen maitatu beharrik izango. Erortzean izan da benetan hegan egin dudan une bakarra. ERREKONOZIMENDU SAIOA Hau ez da errekonozimendu saio bat eta hala ere hotza dut haginetan. Diotenez edozein unetan geldiaraz nazakete edozein auzotan edozein atartetan. Kalera irten eta hautsez busti naiz nirekin noan bitartean uko egiten diot neure buruari. Pneumatiko zarata euripean. Tren taupadak airean. Goi-tentsio dorreak ostertzean. Arrazan sinesten ez duen arraza batekoa naiz denok gara larriki berdintsuak horrek aztoratzen nau. Eta hala ere taxidermista baten bila nabil nigandik gelditzen zaidana gordetzeko. Bakardade oro da berekoia. Ez dut nahi ni ez naizen beste inorentzat. Pneumatiko zarata ostertzean. Tren taupadak euripean. Goi-tentsio dorreak airean. Hau ez da errekonozimendu saio bat eta hala ere min honen kolore zehatzaren bila. Ni ez beste hitzak eta pertsonak galtzen zaizkit. Diotenez edozein lekutan geldiaraz nazakete. AZKEN FINEAN Azken finean gauza gutxi dira ezinbestekoak abisatu gabe datorren euria bezala espero ez duzun ur zikin hori zure memoriaren zuloetatik sartzen. Gauza gutxi direlako ezinbestekoak azken finean ametsak ere aitzakia bat besterik ez inoiz izango ez garen hori izango ez garela onartzeko. Ezinbestekoak gauza gutxi direlako azken finean mina bezala bizirik gaudela oroitarazteko ez direlako gauza bera mina eta samina nahiz eta biek min eman. Gauza gutxi dira azken finean ezinbestekoak azalaren lehen mintzean gordetako beldurra bezala begiak zabalik edukitzea edo salbatuko garela pentsatzea. INORK EZ DIGU ESATEN Inork ez digu esaten nola utzi gure gorputzak inoren esku nola kendu ihintza belarrari ze bizi daukan laburrak. Inork ez digu esaten ze altura duten olatuek ibaietan nola begiratu ispiluan atzera. Inork ez digu esaten hiltegiak dauzkagula zain kalea zeharkatu eta laugarren atean. Inork ez digu esaten galerak betetako hutsuneak direla min egiten dutela hutsean ontziratutako maitasunek. Inork ez digu esaten nola izan gure amen ama nola eutsi bizia eman zizuten hezurrei hondarra eskuan bezala lurrera jausi ez daitezen. Inork ez digu esaten zer izan behar dugun orain zenbat balio dugun bihar noiz eroriko garen berriz. Inork ez digu erakusten zuloak eraikitzen. INVENTARIUM Plastikozko landareak eta isiltasuna ureztatzen aritu naiz. Desio zaharrak loratu zaizkit: metal zaporea, ron usaina. Azpitituluetan bizi naiz soluziorik ez duten ekuazio linealen bila: euritu nazazu, zauritu, aritu. Ez dakit zelan garbitu min hau, amoniakoak oka eragiten dit. Alferrik dut Gaussen metodoa, inkognita larregi. Uste dut oso ondo ulertzen dela oso ondo azaltzen ez dakidana. Belarraren dardara da nirea. Motorra martxan geldi dagoen autoarena, monoxido karbonoa naiz arnastu nahi banauzu. Des-sortu egiten dut, desertu, des-urtu. Plazerak galtzeak min ematen dit, ohartzeak are gehiago. EZ DA EZER Ez da ezer gertatzen ari aukera ez bada aukera eta bere ateak. Meteorologia tratatu bat egin nezake leihotik begira zebrabide hilak bakarrik doazen aterkiak putzuetan arimak. Etxeko hoditerian igelak ditut hutsik sabela eta koltxoia bizkarrezurra arrainei bezala erauzi zidaten eta hala ere eusten diot ezer ez gertatze honi. Ari dira aukerak. Ari dira orduak orduak jaten. Ari da herdoila, narriadura, ukabilak. Ari da gatza. Ari da haria. Ari da harria. Ari naiz ezarian. Ez da ezer gertatzen ari dena ari denean. EZ DUT NAHI Ez dut nahi nire larruaren kopiarik egin zakur bat bezala inoren hanketan lardaskatu belaunak otzan miazkatu isiltasuna kudeatu. Ez dut nahi Eva eta Adamen hortz ustelekin hozka egin olagarroak harrien aurka astindu neure ukondoak besarkatu ez ditut nahi bi logela huts bere bi bakardadeekin. Ez dut nahi atzoko euririk gaur olatuak baino beranduago iritsi txoriak irakurri zeruan putzuetatik edan. Ez dut nahi gaua alferrik esnatu bihar beharko du esan ezer gertatu ez balitz bezala jokatzera ohitu nire desira besterik ez izan. GAME OVER B-612 asteroidearen bila abiatu behar nuen nik ere baina hemen jarraitzen dut oraindik. Korrika joan izan naiz larrialdi irteeretara zartatu egin zaizkit euspen-hormak galdu egin ditut erabilera orriak baina hemen jarraitzen dut oraindik. Txatarraz bete zaizkit birikak harren ordez balak aurkitu ditut sagarretan bihotzen ordez haize-errotak arnasa artifiziala behar dut nik ere. Barra kode batekin irakurri naute anforak hautsi zaizkit eskuetan huts egin dit atrezzoak eta zaunka isiltasunak eta hemen jarraitzen dut oraindik. Ihes egiten saiatu naizenetan nire musker eta tximeletek atzetik segitu didate temati. Animalia galduaren metafora naiz ni ere. Horrelakoa da jokoa: ez dago jarraitzea beste aukerarik. BELAUNALDIA Neuretik baino ez dakit bi pauso atzerago noa beti kaletik ez dut ezer harrapatu nahi ez dut ezerk harrapa nazan nahi. Mende oso bat daramat arnasari eusten erlojuak hazten ez naizena irensten. Ni jaio nintzen urtean Rimbaudek Lizardiz galdetu zuen euria egin zuen Etiopian hondartzak bete egin ziren. Artean gazteegia nintzen alegia bihar alegia inoiz. Artean aurretik nuen mende oso bat bukatzen. Orain esaten dut ments orain esaten dut min. Esan nahi nuke hautsi sortu atera. Bi mende erdik ez dute mende oso bat osatzen. Erdibidean bide erdian erditu gintuzten. Hemen gertatzen ari dena gara eta ez dakit zer den.
YURI TINIANOV Aiphatu tenieneordea Josu Zabaletaren itzulpena booktegi.eus 1 Paulo enperadorea leiho irekiaren ondoan zegoen erdilotan. Bazkalondoko orduan, janaria gorputzarekin borroka geldian ari denean, erabat debekatuta zegoen traba egitea. Besaulki garai batean zegoen erdilotan, atzetik eta alde bietatik beirazko bionbo batek ezkutatuta. Paulo Petrovitx bazkalondoko ohiko amets bat ari zen amesten. Gatxinan zegoela, ongi inausitako lorategian, eta txoko batetik kupido potolo bat ari zitzaiola begira, familiarekin nola bazkaltzen zuen. Handik pixka batera kirrinka-hots bat entzuten zela urrutitik. Bide-zolako zulo artetik zetorren, beti berdin eta jauzika. Hiru adarreko kapela bat, zaldi baten galapa, kabriolet baten pertika, hautsa begiztatu zituela urrutitik. Mahai azpian ezkutatzen zela, hiru adarreko kapelak gudu-mezularia esan nahi zuelako. Peterburgotik bila zetozkion. –Nous sommes perdus…1 –hasten zela mahai azpitik emazteari ahots erlastuz oihu egiten, hura ere ezkuta zedin. Mahai azpian ezin zuela arnasarik hartu, eta kabrioletaren pertikak bereganaino sartzen zitzaizkiola. Mezulariak mahaipera begiratu bat egin, Paulo Petrovitx aurkitu eta esaten ziola: –Maiestatea. Berorren Maiestatearen ama hil egin da. Baina ez al zen Paulo Petrovitx mahaipetik arrastaka ateratzen hasten, mezulariak koxkorreko bat ematen ziola bekokian eta oihu egiten zuela: –Guardia! Paulo Petrovitxek eskuaz kolpea saihestu nahita, euli bat harrapatu zuen. Horrela bada, eserita zegoen, bere begi grisak Pabloskyko jauregiko leihorantz biratu zituen, janariak eta esturak itorik, eskuan euli batek burrunba egiten ziola, eta belarriak zutitu zituen. Norbaitek oihu egin zuen leihopean: “Guardia”. 2 Preobrazhenskyko Erregimentuaren bulegoko bulegari militarra Siberiara erbesteratu zuten, zigortuta. Bulegari berria, mutil gaztea oraindik, mahaian eseri eta idazten ari zen. Eskuak ikara egiten zion, berandu zebilelako. Seietarako bukatu behar zen, beranduenera ere, erregimentuarentzako aginduaren kopia, guardiako ofizialak jauregira eraman zezan, eta han, Bere Maiestatearen laguntzaileak bederatzietan enperadoreari aurkez ziezaion, antzeko beste batzuekin baturik. Atzerapena krimena zen. Erregimentuko bulegaria oso goiz jaiki zen, baina agindua hondatu, eta orain beste kopia bat ari zen egiten. Lehenengo orrian bi akats egin zituen: Siniukhaiev tenientea hildakoen artean jarri zuen, zerrendan Sokolov komandante hil berriaren ondotik zihoalako, eta zentzugabeko erredakzio-hutsegite bat egin zuen: “Aipatu Steven, Rubin eta Asantxeiev tenienteordeak izendatzen dira” idatzi ordez, “Aipatu, Steven, Rubin eta Asantxeiev tenienteordeak izendatzen dira” idatzi zuen. Lehenengo izena idaztera zihoanean, ofizial bat sartu zen, haren aurrean zutitu, eta, gero, berriro aginduaren aurrean esertzean, nahastu egin zen, eta koma bat idatzi zuen lehenengo izenaren aurrean. Bazekien agindua seietarako prest ez baldin bazegoen, “atxilotu” aginduko zuela ofizial nagusiak, eta atxilotu egingo zutela. Horregatik, hain zuzen, eskua ez zebilkion ongi, geroz eta geldiroago idazten zuen, eta bat-batean tinta-orban handi bat isuri zitzaion aginduaren gainera, iturri bat bezain eder. Hamar minutu baizik ez ziren geratzen. Bulegariak atzera egin zuen, eta pertsona bizi bati bezalaxe begiratzen zion ordulariari; ondoren, behatzak gorputzetik bereizita baleuzka eta beren gisara balebilzkio bezala, orri garbiren baten bila hasi zen paperen artean; han, ordea, orri garbirik ez zegoen, apaletan baitzeuden denak, kontu handiz eratutako pila handi batean. Horrela, bere etsimenean, eta bere buruaren aurrean zintzo azaltzeko beste asmorik gabe, bila ari zela, are harrituago geratu zen. Beste paper bat ere, eta ez garrantzia gutxiagokoa, oker idatzita zegoen. Txosten ofizialetan zenbait hitz erabiltzeko debekuari buruzko enperadorearen aginduaren 940. eranskinaren arabera, ez zen erabili behar “ikuskatu” hitza, ikuskatzea egin baizik, ezta “bete” hitza ere, konplitu baizik, ez “zaintza”, guardia baizik, eta ez inola ere “tropa”, destakamendu baizik. Erakunde zibilei zegokienez, berriz, ez zen “maila” idatzi behar, klase baizik, ez “elkarte”, baltzu baizik, eta “herritar” idatzi ordez, dendari edo burges txiki erabili behar zen. Hori, ordea, letra txikiz idatzita zegoen, hantxe, horman, bulegariaren begien aurrean, zintzilikatuta zegoen 940. aginduaren beheko aldean, eta irakurri gabe zeukan, baina "ikuskatu" eta gainerakoei zegokiena lehenengo egunean ikasia zuen, eta ongi gogoratzen zuen. Araktxeiev baroiari zuzendutako eta erregimentuko komandanteak sinatzeko prestatutako orrian honela jartzen zuen: Zure gorentasun horren izenean San Peterburgo inguruen eta atzerrirantz ateratzen diren zerbitzuen zaintzaren ardura duten tropak ikuskaturik, ohore handiz jakinarazten dizut, zuzen bete dela dena… Eta ez hori bakarrik. Berriro idatzi berria zuen txostenaren lehenengo paragrafoak honela zioen: Jaun Goren Guztiz Estimatua. Haurrik mukizuenak ere bazekien, ongi jakin ere, trataera hori, era horretan, lerro bakarrean idatzita, eta mendeko baten txostenean, Araktxeiev baroia bezalako pertsona bati zuzendutako txosten batean batez ere, bi lerrotan behar zela idatzi, nahita nahi ez: Jaun Goren Guztiz Estimatua: eta horrek mendekotasuna eta jendetasuna adierazten zuela. Eta zaintzaren eta gainerakoaren ondoren garaiz erreparatu eta ohartu ez izanaren errua bota baziezaioketen, Jaun Goren Guztiz Estimatuarenean berak nahastu zituen kopiak. Eta zer egiten zuen ohartu gabe, eseri eta orri hura zuzentzen hasi zen bulegaria. Berriro kopiatzerakoan, bertan ahaztu zuen agindua, askoz presazkoagoa bazen ere. Bulego-mutila ofizialaren aldetik aginduaren bila azaldu zenean, bulegariak ordulariari eta mutilari begiratu, eta Siniukhaiev teniente ohiaren orria eman zion bertatik. Ondoren eseri eta, oraindik ere ikara eginez, idatzi zuen: gorentasun, destakamendu, guardia. 3 Bederatziak puntuan kanpaitxoa entzun zen jauregian, enperadoreak sokatik tira eginda. Enperadorearen landa-laguntzailea bederatziak puntu-puntuan sartu zen txostenarekin Paulo Petrovitxen aurrera. Paulo Petrovitx bezperako jarrera berberean zegoen eserita, leiho ondoan, beirazko bionboak estalita. Baina oraingoan ez zegoen lotan, ez erdilotan, eta haren aurpegiera ere beste era batekoa zen. Laguntzaileak bazekien, jauregian denek bezala, enperadorea haserre zegoela. Baina bazekien, baita ere, haserreak arrazoiak nahi izaten dituela eta, zenbat eta gehiago aurkitu, orduan eta gehiago pizten dela. Beraz, txostenak ez zuen inondik ere falta behar. Beirazko bionboaren eta enperadorearen bizkarraren aurrean irmo jarri, eta berria eman zuen. Paulo Petrovitx ez zen laguntzailearenganantz biratu. Astun eta astiro hartzen zuen arnasa. Bezperako egun osoan ezin izan zuen jakin bere leihopean “Guardia” nork oihukatu zuen, eta gauean bi bider esnatu zen ezinegonik. “Guardia” zentzurik gabeko oihua zen, eta Paulo Petrovitxen haserrea hasieran ez zen handi-handia, amesgaizto bat izan eta bukaeraraino ikustea eragozten zaion orori gertatzen zaion bezala. Zeren ametsa ongi bukatzeak ere zori ona esan nahi baitu. Eta jakin nahia ere bazen: nork eta zergatik egin zuen oihu “Guardia” non eta bere leihopean. Baina jauregi guztian, beldurrez zalapartan, gizon hura aurkitu ezin izan zutelarik, are gehiago piztu zitzaion haserrea. Kontua zera zen: jauregian gerta zitekeela norbaitek bazkalondoko orduetan traba egitea eta ez jakitea nor zen. Inork ez zekien, gainera, zertarako egin zen oihu hura: “Guardia”. Asmo txarreko damuturen baten oharpen bat ere izan zitekeen. Edo, bazitekeen hantxe, sastraken artean, dagoeneko hiru aldiz miatu bazituzten ere, norbaiti eztarrian trapu bat sartu eta ito izana. Lurrak irentsita bezalaxe desagertua zen. Beharrezkoa zen… Baina zer behar zen egin… aurkitu ez baldin bazuten. Guardia gehiago jarri behar ziren. Eta ez hemen bakarrik. Paulo Petrovitxek, biratu gabe, zuhaixka berde karratuetara begiratu zuen; Trianongoen ia berdinak ziren. Inausita zeuden. Baina haien artean inor ote zebilen jakiterik ez zegoen. Eta, laguntzaileari begiratu ere gabe, eskuin eskua atzerantz luzatu zuen. Laguntzaileak bazekien zer esan nahi zuen horrek: enperadorea oso haserre zegoenean, ez zen biratzen. Trebezia handiz Preobrazhenskyko erregimentuko guardiarako agindua eskuan jarri zion, eta Paulo Petrovitx arreta handiz hasi zen irakurtzen. Ondoren berriro etzan zen atzerantz, eta laguntzailea laneko mahaitik luma hartu, tintontzian busti, astindu eta eskura arin-arin emateko moldatu zen; horretan, hala ere, bera zikindu zen tintaz. Unetxo bat baizik ez zuen behar izan horretarako. Segituan orrialde sinatua hegan zihoan laguntzailearengana. Laguntzaileak orriak eman ahala, orriak sinaturik edo irakurririk, besterik gabe, bata bestearen atzetik hegan zihoazen laguntzailearengana. Ohituta zegoen jokaera horretara eta horrela gertatuko zela espero zuen; horretan, ordea, enperadorea jauzi batez jaitsi zen besaulki goratutik. Pauso txikiak eginez laguntzailearengana ondoratu zen. Aurpegia gorri zuen, eta begiak ilun. Ondo-ondoraino hurbildu zitzaion eta laguntzaileari usaina hartu zion. Susmoren bat zuenean horrela egiten zuen enperadoreak. Ondoren laguntzaileari mahukatik bi behatzez gogorki heldu eta atximur egin zion. Laguntzailea firme zegoen eta orriak eskuan zituen. –Ez dakik hire lana egiten, mutil –esan zion Paulok ahots erlastuz–, atzetik hator. Eta beste atximur bat egin zion. –Kenduko diat nik mutirikeria hori, ospa hemendik. Eta laguntzailea aterantz urrundu zen, atzeraka ibiliz. Behin atea zaratarik gabe itxi zelarik, Paulo Petrovitxek lepoko zapia bizkor-bizkor askatu eta alkandorako bularraldea urratzen hasi zen isilik, ahoa estutu zitzaion eta ezpainak ikaratan zituen. Haserrealdi bortitz baten hasiera zen. 4 Preobrazhenskyko erregimentuko guardia-agindua, enperadoreak sinatua, hark zuzenduta zegoen. “Aipatu, Steven, Rybin eta Asantxeiev tenienteordeak izendatzen dira” hitzak zuzendu egin zituen: lehenengo p-aren ondoren H handi bat jarri zuen, eta gainean idatzi zuen: Aiphatu tenientea guardiara. Gainerakoan ez zen eragozpenik izan. Agindua bere lekura bidali zen. Komandanteak agindua jaso zuenean, luzaro egon zen Aiphatu deitura bitxi horretako tenienteorde hura nor ote zen pentsatzen. Preobrazhenskyko erregimentuko ofizial guztien zerrenda hartu zuen, baina hartan ez zen ageri deitura horretako ofizialik. Soldaduen artean ere ez zen halakorik. Ezin ulertu, baina ez zegoen. Mundu osoan bulegariak baizik ez zuen ulertuko, baina inork ez zion ezer galdetu, eta berak ere ez inori ezer esan. Enperadorearen aginduak bete egin behar dira, ordea. Baina ezin zitekeen bete, erregimentu osoan ez baitzegoen Aiphatu tenienteorderik. Komandanteari Araktxeiev baroiarengana jotzea bururatu zitzaion. Baina segituan baztertu zuen asmoa. Araktxeiev baroia Gatxinan bizi zen, eta ondorioa ez zen segurua, gainera. Eta estuasunen batean zegoenean beti familiara jo ohi zenez, komandante hark bazuen Sablukov, enperadorearen landa-laguntzailea, eta galapan abiatu zen Pabloskyrantz. Pabloskyn sekulako nahastea zegoen eta hasieran laguntzaileak inola ere ez zuen komandantea hartu nahi izan. Ondoren gogo txarrez entzun zion eta deabruetara bidali nahi zuen, hura gabe ere nahikoa eta gehiegi bazuelako, baina horretan bekozkoa zimurtu zuen, komandanteari begiratu eta bat-batean aldatu zitzaion begirada hura: maltzurtu egin zen. Enperadorearen laguntzaileak geldiro hitz egin zuen: –Enperadoreari hitzik ere ez. Zuk Aiphatu tenienteordea bizirik balego bezala jokatu. Izendatu ezazu guardiarako. Komandanteari begiratu gabe, mengeltzen ari baitzen, hor konpon egin zion, firme jarri zen, eta alde egin zuen. 5 Siniukhaiev tenientea hutsaren hurrengo teniente bat zen. Aita Araktxeiev baroiaren sendagilea zuen, eta baroiak, indartu zuten pastillen esker onez, haren semea erregimentuan sartu zuen isil-gordean. Baroiari gustatu egin zitzaion seme haren itxura tolesgabea eta ez oso buruargia. Erregimentuan ez zen inoren lagun mina, baina ez zituen saihesten ere kideak. Ez zen berritsua, tabakoa gustatzen zitzaion, ez zen nahasten emakume-kontuetan, eta, ofizial batentzat ausardia handiko eginkizuna ez bazen ere, “maitasun-oboea” jotzea gustatzen zitzaion. Militar hornidura garbi-garbi edukitzen zuen beti. Erregimenturako agindua irakurri zenean, Siniukhaiev zutik zegoen eta, firme zegoenean ohi zuen bezala, ez zen ezertan pentsatzen ari. Horretan, bere izena entzun zuen, eta belarriek ikara egin zioten, burua beren gauzetan dutenean espero ez zuten zigorkada bat hartzen duten zaldiei gertatzen zaien bezala. “Siniukhaiev tenientea, sukarrez hila, lizentziatutzat emango da”. Orduan, hala gertatu baitzen, komandanteak, agindua irakurririk, Siniukhaiev beti egon ohi zen lekura begiratu zuen nahi gabe, eta haren eskua paperarekin batera jaitsi zen. Siniukhaiev bere lekuan zegoen, beti bezala. Hala ere, komandanteak berriro irakurri zuen agindua; egia esan, ez oso garbi; Steven, Asantxeiev eta Aiphaturi buruzkoa irakurririk, bukaeraraino irakurri zuen. Guardia aldaketa hasia zen, eta Siniukhaievek besteekin batera hartu behar zuen parte desfilean. Hori egin ordez, ordea, bertan geratu zen zutik. Aginduetako hitzak hitz bereziak, giza solasaren desberdinak balira bezala entzuten ohituta zegoen. Ez zuten edukirik, ez esanahirik, beren bizitza eta aginpide berekia baizik. Kontua ez zen agindua betetzen zen ala ez zen betetzen. Aginduak, betetzen ez bazen ere, aldatu egiten zituen erregimentuak, kaleak eta jendea. Aginduaren hitzak entzun zituenean, hasieran, zegoen lekuan geratu zen zutik, ezer entzun ez balu bezala. Hitzen atzetik zihoan Gero kendu zitzaizkion zalantzak. Irakurritakoa berari buruz zen. Eta bere zutabea abiatu zenean, zalantzatan hasi zen ea bizirik zegoen ala ez. Eskua eskutokian pausatuta, uhal ongi estutuek eragindako trabaren bat, goiz horretan bertan koipeztatutako sablearen pisua, horiek sentitzean, bizirik sentitzen zen, baina bazen gaizki zihoan zerbait, erremediorik gabe hautsitako zerbait. Ez zitzaion bururatu ere egin aginduan akatsen bat izan zitekeenik. Oso bestela baizik, bizirik bazegoen, okerren batengatik zegoela iruditzen zitzaion, hutsegiteren baten ondorioz. Zabarkeriaz ez zen ohartu eta ez zion inori jakinarazi. Nolanahi ere, desfileko irudi guztiak hondatzen ari zen, plazan tantai bat bailitzan egonez. Mugitu behar zuenik ere ez zitzaion bururatzen. Desfilea bukatu bezain laster, komandantea tenienteari oldartu zitzaion. Sutan zegoen. Zorte handia izan zuten enperadorea desfilea ikusten ez egotea, ordu hartako beroagatik, Pabloskyn baitzegoen atsedeten. Komandanteak gustura orro egingo ziokeen: ziegara; baina hori baino hots ozenagoa beharko zuen haserrea baretzeko, eta R on bat botatzeko gogoa ere bazuen: preso; horretan, ordea, ahoa itxi zitzaion, komandanteak ustekabean euli bat harrapatu izan balu bezala. Eta halaxe egon zen minutu pare batez Siniukhaiev tenientearen aurrean. Ondoren, harengandik izurriak jotako batengandik bezala urrundu eta bere bidetik joan zen. Siniukhaiev tenientea, hildakoari zegokion bezala, hilda zegoela gogoratu zuen, eta baztertu egin zuen, ez baitzekien nola hitz egin horrelako batekin. 6 Paulo Petrovitx hara eta hona zebilen bere gelan, eta aldian behin gelditu egiten zen. Entzuten hasten zen. Enperadorea, botak hautsez estalita, bidaiako kapaz jantzita eta ezproiak kendu gabe ama oraindik ere arnasestuka ari zen gelan sartu eta atean kolpe bat jo zuenez gero, haserre bizia erresumin bizi bihurtu ohi zela ikusi zen; eta erresumin bizia, bi egunen buruan, beldurra eta samurtasuna bilakatzen zela. Brenna basati batek kimerak jarri zituen Pabloskyko eskaileretan, eta jauregiko sabaiak eta hormak Cameron, jende guztiaren begietan hiltzen diren kolore samurren zaleak egin zituen. Alde batean giza-itxurako lehoien ahotzar irekiak; bestean sentimendu leuna. Horrez gainera, jauregiko gela nagusian baziren bi lanpara zintzilik, Luis XVI.ak burua moztu baino lehentxeago oparitutakoak. Opari hori Frantzian bertan jaso zuen, oraindik ere Iparreko Kondea izenaz bidaiatzen ari zenean. Lanparak oso lan finekoak ziren: haien pantailek argia moteltzen zuten. Baina Paulo Petrovitxek ez zituen piztu nahi izaten. Marie-Antoinettek oparitutako ordulari bat ere bazen, jaspezko mahai baten gainean. Orduen orratza urrezko Saturno bat zuen, punta luze batekin, eta minutuena kupido bat, bere geziarekin. Ordulariak eguerdia eta gauerdia adierazten zituenean, Saturnok Cupidoren gezia estaltzen zuen bere puntaz. Denborak maitasuna gainditzen duela esan nahi zuen horrek. Ordularia ez zebilen, nolanahi ere. Horrela, lorategian Brenna zegoen, hormetan Cameron eta, buruaren gainean, sabaipeko hutsunean, Luis XVI.aren lanpara kulunkatzen zen. Paulo Petrovitxek Brennaren lehoietako baten antz pixka bat ere hartzen zuen oso haserre zegoenean. Orduan, berdin gerta zitekeen erregimentu osoari zigorra ezartzea edo norbaiti lepoa moztea, Don ibaiaren inguruan, zuzien argitan, edo bidal zitezkeen oinez Siberiarantz aliritzira soldaduak, bulegariak, tenienteak, jeneralak edo jeneral-gobernariak. Tronuaren usurpatzailea, ama, hilda zegoen. Potemkinen espiritua erauzia zuen, behinola Iban IVak boiardoak ezabatu zituen bezala.. Potemkinen hezurrak barreiatu eta haren hilobia lurrarekin berdindu zuen. Amaren gustuak ere ezabatu egin zituen. Usurpatzailearen gustuak! Urrea, gela batzuk Indiako zetaz apainduta, beste batzuk Txinako portzelanaz apainduta, Holandako berogailuekin, eta beira urdinezko gela, tabakoa usaintzeko gela. Fartsa. Erromako eta Greziako dominak, hain harro erakusten zituenak! Bere jauregia urreztatzeko erabilarazi zituen. Eta hala ere iraun egin zuen espirituak, iraun egin zuen gustuak. Haren usaina sentitzen zen inguruan, eta horrexegatik zuen, agian, Paulo Petrovitxek bere solaskideei usaina hartzeko ohitura. Eta bere buruaren gainean, frantses lanpara kulunkatzen zen, urkaturik. Eta beldurra sartzen zitzaion. Enperadoreak airea falta Ez zuen emaztearen beldurrik, ez seme nagusienik, haietako edozeinek sastakatu bazezakeen ere sardexkarekin, eta tronuan eseri, beren amonaren eta amaginarrebaren ereduari jarraituz. Ez zuen bere ministro alaiegitxoen eta jeneral goibelegitxoen beldurrik. Ez zion beldurrik inori, ez bere inperioko mendietan, paduretan, hondardietan bizi ziren eta imajinatu ere ezin zitzakeen berrogeita hamar milioi jopuek osatzen zuen plebeari. Ez zien beldurrik, banaka. Elkarturik itsaso bat ziren, eta ito zitekeen hartan. Eta San Peterburgoko palazioa zangaz eta postu aurreratuz inguratzeko eta zubi altxagarri katedun bat jasotzeko agindu zuen. Baina kateak ez ziren fidagarriak: zentinelak ziren zaintzaileak. Eta haserre handiaren ondoren beldur handia iristen zenean, arazo kriminaletako bulegoa hasten zen lanean, eta norbait eskuetatik zintzilikatuta torturatzen zuten eta norbaiten azpian lurra zabaltzen zen, eta azpian borreroak zeuzkan zain. Horregatik, enperadorearen gelatik orain pauso laburrak, gero luzeak, bat-batean estropezuka, entzuten zirenean, izututa begiratzen zioten denek elkarri, eta nekez egiten zuen inork irribarre. Beldur handia gelan zegoen. Enperadorea hara-hona zebilen. 7 Siniukhaiev tenientea, komandantea errieta egitea joan baina errietan egin ez eta bertan behera utzita isildu zen leku berean zegoen. Inguruan inor ez zegoen. Desfilea egin ondoren, lasaitu egiten zen normalean, dotorezia-itxura uzten zuen, eskuak askatzen zituen, eta bere gisa ibiltzen zen kuartelean. Soinatalak askatzen zituen: zerbitzutik libre geratzen zen. Etxean, ofizialen kuartelean, lebita askatu eta maitasun-oboea jotzen zuen tenienteak. Gero pipa bete eta leihotik begira egoten zen. Lorategi inaustuaren puska handi bat ikusten zuen; tsarinaren belardia deitzen zioten; orain hutsik zegoen. Sail hartan ez zegoen ezer nabarrik, ezer berderik, baina hondarretan luzaro irauten zuten zaldien eta soldaduen arrastoek. Erretzeari zegokionez, dena gustatzen zitzaion: pipa betetzea, tabakoa estutzea, erretzea eta kea. Erretzean beti izaten da zertan jardun. Aski zen arratsaldea etortzea, eta lagunengana ateratzen zen, edo paseatzera, besterik gabe. Jende arruntaren jendetasuna gustatu egiten zitzaion. Behin, doministiku eginda, jaun batek esan zion: “Sudurrean trumoi handia ez denean, behatza konpontzaile”. Lotara baino lehen, bere laguntzailearekin kartetan egiteko esertzen zen. Ordenantzari kontrakora eta panfilora jokatzen erakutsi zion, eta ordenantzak galtzen zuenean, tenienteak karta sortaz kolpe bat ematen zion sudurrean, baina berak galtzen zuenean ez zion horrelakorik egiten. Azkenean, laguntzaileak garbitutako ekipaia ikuskatzen zuen, berak txirikordatzen, korapilatzen eta koipeztatzen zituen uhalak, eta lotara joaten zen. Orain, berriz, ez zitzaizkion askatzen soinatalak, giharrak tinko zituen oraindik, eta tenientearen ezpainetan ez zen arnasarik sumatzen. Zubi altxagarriaren aurreko plazari begiratzen zion, eta ezezaguna iruditzen zitzaion. Ordu arte, behintzat, behin ere ez zien erreparatu bulegoetako eraikin gorriko leihoen erlaitzei eta haien beira zikinei. Zubiko errekarri biribilak ez ziren elkarren berdinak, elkarren antzik ez zuten anaiak bailiran. San Peterburgo hiri militarra ordena gris batean zetzan, bere monasterioekin, bere ibaiekin eta bere zubi-begi lausoekin; guztiz ezezaguna iruditzen zitzaion hiri bat. Orduan ohartu zen hilda zegoela. 8 Paulo Petrovitxek landa-laguntzailearen pauso-hotsak entzun zituen, katu baten moduan joan zen beirazko bionboaren atzean zegoen besaulkiraino eta denbora guztian hantxe egon izan balitz bezain zurrun eseri zen. Bazekien bere zerbitzarien pausoak ezagutzen. Haiei bizkarra emanez ere, bazekien erabakien pauso erabakia, losintxarien saltotxoak eta izutuen pauso arin, hegalariak bereizten. Ez zuen pauso zuzenik entzuten. Oraingo honetan laguntzailea segurtasunez zebilen, sendo jotzen zuen lurra. Paulo Petrovitx burua jiratu zuen. Landa-laguntzailea bionboaren erdiraino sartu eta burua makurtu zuen. –Maiestatea. Aiphatu tenientea izan zen “Guardia” oihu egin zuena. –Nor da hori? Beldurra gutxitzen ari zen, bazeukan izen bat. Landa-laguntzaileak ez zuen espero galdera hori, eta atzera egin zuen pixka bat. –Guardiarako izendatutako tenienteordea, Maiestatea. –Zertarako egiten zuen oihu? ––enperadoreak ostiko bat eman zuen lurrean–. Esan, esan. Landa-laguntzailea isildu egin zen. –Ergelkeria batengatik –erantzun zion zezelka. –Egizu ikerketa bat eta, ongi zigortu ondoren, ttapa-ttapa zuzen Siberiara. 9 Horrela hasi zen Aiphatu tenienteordearen bizitza. Bulegariak agindua kopiatu zuenean, idatz-akats bat zen Aiphatu tenienteordea, hutsegite bat, ez besterik. Gerta zitekeen inor ez ohartzea, eta paper-itsaso batean hondoratuta galtzea; eta, inori interesatzen ez zitzaionez, ez zen erraza izango etorkizuneko historialariak hartaz gogoratzea. Paulo Petrovitxen begi oro-ohartzaileak erreparatu egin zuen eta hizki bakar batez nolabaiteko bizitza bat eman zion: hutsegite batek aurpegirik gabeko tenienteorde bat sortu zuen, familia-buru bat. Ondoren, landa-laguntzailearen gogoeta etenen artean aurpegi bat zirriborratuz joan zen, ozta-ozta egiazkoa, ametsezkoa bezala. Hura zen palazioko leihoaren azpian “guardia” oihu egin zuena. Orain aurpegi hura trinkotu eta zehaztu egin zen: Aiphatu tenienteordea oinaze-zaldira edo, hobeto esanda, torturatzera eta Siberiara deportatzera kondenatutako gaizkile bat suertatu zen. Horixe zen errealitatea. Bulegariaren arazo bat, komandantearen nahasmen aldi bat eta landa-laguntzailearen ateraldi bat izan zen une horretara arte. Gaurtik aurrera, oinaze-zaldia, zigorra eta Siberiarako bidaia ziren hari zegozkion egitekoak. Agindua bete egin behar zen. Aiphatu tenienteordea erakunde militarretatik kanpora egotzi behar zen eta erakunde judizialetara bidali, eta handik Siberiara zuzen-zuzen. Eta halaxe egin zuten. Ustez egon behar zuen erregimentuan, komandanteak, guztiz lur jota zegoen pertsona batek baizik eduki ezin duen ahots batez, Aiphatu tenienteordearen izena hotsegin zuen soldaduen aurrean. Alde batean oinaze-zaldia prest zegoen, eta guardiako bi soldadu zeuden burutik eta oinetatik hedeez eusten. Guardiako bi soldaduk enbor leun bat zigortzen zuten alde banatatik, hirugarrena zenbatzen ari zen, eta erregimentua begira. Enborra lehendik ere mila zigorkadaz leunduta zegoenez, oinaze-zaldiak ez zirudien hutsik zegoenik. Gainean inor ez bazegoen ere, norbait balego bezalaxe zen. Soldaduek bekozko ilunez begiratzen zioten oinaze-zaldi isilari eta komandantea gorri-gorri zegoen zigorra bukatu zenerako, eta sudur-zuloak handituta zeuzkan beti bezala. Orduan hedeak askatu zituzten: eta oinaze-zalditik norbaiten bizkarra askatu balute bezala zirudien. Bi soldadu ondoratu eta agindu-zain geratu ziren. Beren bideari ekin zioten, erregimentutik pauso beti-berdinez urrunduz, armak bizkarrean eta aldian behin begi-ertzez begiratuz, ez elkarri, beren arteko tarteari baizik. Ilaran bazen gudarostean artean aspaldi ez zela sartutako soldadu gazte bat. Interes handiz begiratzen zuen zigorra nola betetzen zen. Gertatzen ari zen guztia gauza normala zela eta soldadutzan maiz gertatzen zela uste zuen. Gauean, ordea, kamainan iraulka hasi zen bat-batean, eta ondoan etzanda zeukan guardiako soldadu zaharrari ahots beheran galdetu zion: –Aizak, nor duk gure enperadorea? –Paulo Petrovitx, ergela –erantzun zion zaharrak izututa. –Eta hik ikusi duk? –Bai, ikusi diat –erantzun zion zaharrak marmarka–, eta hik ere ikusiko duk. Isildu egin ziren. Baina soldadu zaharrak ezin zuen lo hartu. Iraulika ari zen. Hamar minutu inguru joan ziren. –Zergatik galdetzen duk hori? –galdetu zion bat-batean zaharrak gazteari. –Ez zakiat –erantzun zion gogo onez gazteak–, zeren esaten dutenez, esaten dutenez: ez omen dakite nor den enperadorea. Nork jakin, esan egiten dute… –Ergela –esan zuen soldadu zaharrak eta beste aldera begiratu zuen–, hago isilik, baserritarra dirudik. Beste hamar minutu joan ziren. Pabilioia ilun eta isilik zegoen. –Baduk –esan zion bat-batean zaharrak gazteari belarrira–, baina ordeztu egin diate. 10 Siniukhaiev tenienteak arreta handiz behatu zuten egun horretara arte bizi izandako gela. Gela zabala zen, sabai apalekoa, tarteko adin bateko pertsona bat, betaurrekoduna eta motots ez oso handi bat zuena, agertzen zen erretratu batekin. Tenientearen aita zen, Siniukhaiev sendagilea. Gatxinan bizi zen; tenientea, ordea, erretratuari begiratzean, ez zen oso seguru sentitzen horretaz. Agian bai, bizi zen, agian ez. Ondoren Siniukhaiev tenientearenak izandako gauzei begira egon zen: maitasun-oboea, bere zurezko kutxan, ile-kizkurgailuak, hautsontzia, hondar-ontzia, eta gauza haiek begira zegozkion. Begiak haietatik kendu zituen. Gelaren erdian zutik zegoen, zerbaiten zain. Ordenantzaren zain ez, seguru asko. Bien bitartean, ordea, ordenantza bera sartu zen kontuz gelan eta tenientearen ondoan zegoen geldirik. Ahoa zabal samar zeukan eta tenienteari begira zegoen. Beti egoten zen horrela, seguruenik, aginduen zain, baina tenienteak lehenengo aldiz ikusiko balu bezala begiratzen zion, eta begiak jaitsi zituen. Heriotza aldi batez ezkutatu beharra zegoen, krimena balitz bezala. Iluntze aldera mutil gazte bat sartu zen gelan, maitasun-oboearen kutxatxoa zegoen mahaian eseri zen, kutxatxotik atera zuen, putz egin zuen eta hotsik atera ez zionez, bazter batean utzi zuen. Ondoren, ordenantzari deitu eta edateko zerbait ateratzeko esan zion. Behin ere ez zion begiratu Siniukhaiev tenienteari. Tenienteak ahots kikilduz galdetu zuen: –Nor zara zu? Mutilak, tragoa edanda, aharrausi eginez erantzun zion. –Senatu ondoan dagoen kadete-eskolako lege-aholkularia –eta ohea prestatzeko agindu zion ordenantzari. Eranzten hasi zen eta Siniukhaiev tenientea luzaro egon zen begiratzen lege-aholkulariak nolako trebeziaz kentzen zituen oinetako botak, nola jaurtitzen zituen kolpe batez, nola askatzen zituen botoiak eta nola estaltzen zen ondoren manta batez eta nola aharrausi egiten zuen. Azkenik, nagiak atereaz, Siniukhaiev tenientearen eskura begiratu zuen bat-batean, eta lihozko zapi bat atera zuen mahukatik. Sudurra garbitu ondoren, aharrausi egin zuen berriro. Orduan bere baitaratu zen azkenean Siniukhaiev tenientea, eta axola gabe esan zuen arauz kontrakoa zela hori. Lege-aholkulariak axolagabe erantzun zion ezetz, alderantziz, arauzkoa zela, ordezkari gisa zegoela han, Siniukhaiev ohia “bizirik hilda bezala” zegoenez, eta tenienteak ken zezala uniformea, nahiko txukuna zelako lege-aholkulariarentzat, eta jantz zezala uniforme erreus bat. Siniukhaiev tenientea uniformea eranzten hasi zen, lege-aholkulariak lagundu egin zion, Siniukhaiev ohia behar bezala egiteko gauza ez zelako. Orduan, Siniukhaiev ohiak uniforme erreusa jantzi eta zutik geratu zen, lege-aholkulariak eskularruak ere kenduko ote zizkion beldurrez. Eskularru hori, luze batzuk zituen, behatz luze koskekikoak, uniformekoak. Eskularruak galtzea desohorea zen, entzuna zuenez. Teniente-eskularruak badituzu, berdin dio zer falta duzun, tenientea zara. Horregatik, Siniukhaiev ohiak eskularruak jantzi, biratu eta kanpora atera zen. Gau osoan ibili zen San Peterburgoko kaleetan, inon sartzen saiatu ere gabe. Goizerako nekatuta zegoen, eta lurrean eseri zen, etxe baten ondoan. Minutu batzuez lo egin zuen, gero derrepente jaiki eta alde egin zuen, alboetara begiratu gabe. Berehala atera zen hiri-mugatik kanpora. Hesi-ateko torschreiber logaletsu batek [idazkari batek (alemanieraz)] haren deitura idatzi zuen, arreta gabe. Kuartelera ez zen gehiago itzuli. 11 Landa-laguntzailea maltzurra zen eta inori ez zion ezer esan ez Aiphatu tenienteordeaz, ez bere zoriaz. Bazituen etsaiak, denek bezala. Horregatik, hain zuzen, “Guardia!” oihua nork egin zuen jakin zela baizik ez zien esan batzuei. Baina horrek mugimendu bitxi bat eragin zuen palazioko emakumezkoen aldean. Palazioa, klabezina jotzen duten behatz finak bezalako zutabe mehe garaiekin, Cameronek eraikia zen; bazituen bi hegal oker aurrez aurre jarriak, katuak saguarekin jolasean ari denean hankak eduki ohi dituen bezala. Hegal horietako batean fraulein Nelidova ezkongabea bizi zen, bere langileekin. Paulo Petrovitx maiz joan ohi zen hegal hartara, errudun itxuraz guardia saihestuz, eta inoiz zentinelek ikusi ere ikusi zuten enperadorea handik lasterka irteten, ileordea alde batetik zintzilik, eta emakume baten txapin bat buru atzetik hegan zihoakiola. Nelidova ohorezko dama baino ez bazen ere, bazituen bere ohorezko damak. Eta, hain zuzen ere, “Guardia!” oihu egin zuena harrapatu zutelako berria emakumeen hegalera iritsi zenean, Nelidovaren ohorezko dametako bat konortea galduta erori zen. Nelidova bezala, ile-kizkurra eta argala zen hura ere, artzaintxo bat bezala. Elisabeta amonaren garaietan ohorezko damen artean haien brokatuen hotsa, zetaren fru-frua entzuten zen, eta haien artetik titiburu askatuak atera ohi ziren herabez. Horrela zen moda orduan. Gizonezko jantziak, isatsak eta titiburuen ondoan belusezko itsas-izarrak erabiltzea gustatzen zitzaien amazonak tronuaren usurpatzailearekin batera desagertu ziren. Orain artzaintsa gazte ile-kizkurrak ziren emakumeak. Horrela bada, haietako batek ondoez labur bat izan zuen. Bere babesleak lurretik jaikiarazi eta oneraturik, berak kontatu zuen: ordu horretarako maite-hitzordu bat jarrita zeukan ofizial batekin. Baina ezin zuen goiko solairutik alde egin eta, leihotik begira zegoela, non ikusten duen ofizial sutsu hura, erresalbu oro ahazturik eta, jakin gabe beharbada, enperadorearen leihopean bertan zegoela, eta keinuak egiten zizkiola behetik. Berak keinu bat egin zion eskuaz, izutu itxura egin zion begiez, baina arbuio-keinutzat hartu zuen, nonbait, galaiak eta penaz oihu egin zuen: “guardia”. Une horretan, izuaren mende erori gabe, behatzak sudurrera eraman eta beherantz seinalatu zuen. Sudur-keinu horren ondoren, ofiziala harri eginik geratu zen eta ezkutatu egin zen. Ez zuen gehiago ikusi, baina bezperako maitasun-jokaldi hura hain laburra izanik, haren deitura ere ez zuen jakin. Orain harrapatu egin zuten eta Siberiara bidaltzen zuten. Nelidova pentsatzen hasi zen. Bere egoera okertzen ari zen eta, aitortu nahi ez bazuen ere, bere txapinak ez zuen hegan egiten dagoeneko. Landa-laguntzailearekin hotz jokatzen duen, eta ez zuen traturik nahi harekin. Enperadorearen sentimenduez bazituen zalantzak. Horrelakoetan, zibila izanik ere aginpidea zuen pertsona bakarrarengana jo ohi zuen orain, Yuri Aleksandrovitx Neledinsky-Meletsky-rengana. Halaxe egin zuen, eta kamera-lekaio bat bidali zion idatzi batekin. Ez zen lehendabiziko aldia kamera-lekaio sendo hura bidaltzen ziona, baina beti harritzen zen gizon ahaltsu haren miseriaz. Meletsky abeslaria eta estatu-idazkaria zen. “Errekasto lasterrak” abesten zuen, eta agure lizuna zen neskato artzaintxoekin. Txikia zen, ahoa ezti-jario eta bekainak iletsuak zituen. Gainerakoan gizon maltzurra zen eta, kamera-lekaioari behetik gora begiratuz, esan zion: –Esaiozu zertaz kezkaturik ez dagoela. Itxaroteko. Dena konponduko da. Baina berak ere bazuen beldur pixka bat, ez baitzekien nola konponduko zen hura dena, eta atetik lehenago Avdotia deitzen zuten eta orain Selimena deitzen zuten artzaintsa gaztea agertu zenean, amorru bizian mugitu zituen bekainak. Yuri Aleksandrovitxen zerbitzariak artzaintsa gazteak ziren gehienbat. 12 Zentinelak aurrera eta aurrera zihoazen. Muga-hesi batetik hurrengora, postu batetik hurrengo gotorlekura, zuzen-zuzen zihoazen, eta kontu handiz begiratzen zuten aldian behin bien artean zeramaten tarteari. Ez zuten deportatu bati Siberiara lagundu behar zioten lehen aldia, baina inoiz ez zitzaien suertatu hura bezalako gaizkile bat eraman beharra. Hiriko mugetatik atera zirenean, zalantza zuten. Ez zen kate-hotsik entzuten, eta ez zuten inor fusil-ipurdiaz joz bizkor ibiltzera behartu beharrik. Baina gauza ofizial bat zela pentsatzen zuten, eta bazituztela paperak. Ez zuten askorik hitz egiten, debekatuta zegoen-eta. Lehenengo postuan, erotuta baleude bezala begiratu zien posta-begirariak. Baina zentinela zaharrenak atxilotua sekretua zela eta giza itxurarik ez zuela zioen papera erakutsi zion, eta begiraria mugitzen hasi zen eta hiru kamainako gela berezi bat izendatu zien gaua igarotzeko. Ez zuen haiekin hitz egin nahi izan eta halako moduan lausengatu zituen, non, ia ohartu ere gabe, zein garrantzitsuak ziren ohartu baitziren. Bigarren postua handiagoa zen lehenengoa baino; ziurtasunez sartu ziren, isilik, garrantzi-plantaz, eta zentinela zaharrenak papera komandantearen mahai gainera bota zuen, besterik gabe. Eta hura lehenengoa bezalaxe moldatu zen, eta hark bezala losintxatu zituen. Poliki-poliki garrantzi handiko gaizkile bat zeramatela ohartzen hasi ziren. Ohitu egin ziren, eta beren artean, garrantzia emanez, “bera” edo “hori” esaten zuten. Halaxe sartu ziren Errusiar Inperioaren barren-barrenean, Vladimir-eko bide zuzen eta jendetsuan zehar. Eta beren artean egonarri handiz zeramaten tartea ere aldatuz zihoan: batzuetan haizea, hurrena hautsa, uda bukaerako bero sapak ahitutako ibilera nekatua. 13 Bien bitartean, Vladimir-erako bide horretatixe, garrantzi handiko agindu bat zihoakien segika, posturik postu, gotorlekurik gotorleku. Yuri Aleksandrovitx Nedelensky-Meletskyk esana: itxaron, eta ez zebilen oker, horretan. Zeren Paulo Petrovitxen izularria, geldiro baina segurki, bere buruaren erruki, samurtasuna bilakatuko baitzen. Enperadorea lorategiko piztia itxurako zuhaixkei bizkarra emanda baitzebilen hara-hona, eta Cameronen sentimendu samurretara bihurtzen zen. Bere mende jarriak zituen bere amaren gobernari eta jeneral guztiak, beren etxaldeetan sartu zituen eta han zeuzkan atxilotuta. Beharturik egin zuen hori. Eta zer? Hutsune handi bat egin zen inguruan. Kexu- eta gutun-postontzi bat jarri zuen palazio aurrean, zeren bera baitzen, eta ez beste inor, aberriaren aita. Hasieran postontzia hutsik egoten zen, eta tristatu egiten zuen horrek, aberriak aitarekin hitz egin behar duelako. Gero aitatxo sudurmotz deitzen zioten eta mehatxatzen zuten sinatu gabeko gutun aurkitu zuten postontzian. Ispiluan begiratu zuen. –Sudurmotza, hori bai, sudurmotza –esan zuen ahots erlastuz, eta postontzia kentzeko agindu zuen. Bidaia bat hasi zuen aberri arrotz horretan zehar. Bere probintzian enperadorea igarotzeko zubi berriak eraikiarazi zituen gobernaria Siberiara bidali zuen. Bidaia hura ez zen amarena bezalakoa izan: zeuden bezala utzi behar ziren gauzak, apaindu gabe. Baina aberriak isilik jarraitzen zuen. Volga ibaian nekazari pìla bat bildu zen behin inguruan. Mutil bat ibaiaren erditik ura ateratzera bidali zuen, ur garbia edateko. Ur hartatik edan eta ahots erlastuz esan zien nekazariei: –Zuen uretatik ari naiz edaten. Zeri begiratzen diozue horrela? Eta inguru guztia hustu zen. Ez zuen beste bidaiarik egin eta postu bakoitzean postontzi bana jarri ordez, zentinela sendoak jarri zituen; baina ez zekien fidatzekoak ziren ala ez, eta ez zekien zeinengandik begiratu behar zen. Saldukeria eta hutsunea zuen inguruan. Haiengandik libratzeko sekretua aurkitu zuen; eta puntualtasuna eta erabateko mendekotasuna sartu zituen. Kantzilergoek lanari ekin zioten. Botere betearazleaz baizik ez zela arduratuko uste zen. Baina botere betearazleak kantzilergo guztiak nahasten zituenez, imajinazio hutsezko saldukeriak, hutsunea eta itxura hutsezko mendekotasuna izan ziren ondorioak. Olatu haserreen artean igerian eskuak jasotzera behartutako igerilaria zela iruditzen zitzaion; inoiz ikusia zuen grabaturen batean. Eta, bien bitartean, errege absolutu bakarra zen, urte luzeen ondoren. Eta bere aitarengan bermatzeko desirak larritzen zuen, aspaldi hila bazen ere. Bere aita omen zen eta sardexka batez hil zuten alemaniar ergela hilobitik atera eta tronuaren usurpatzailearenaren ondoan jarri zuen haren zerraldoa. Baina hori ama hilarenganako mendekuz areago egin zen, hura bizi izan zen artean bera edozein unetan hil behar balute bezala bizi izan baitzen. Ama izan zuen, gainera? Gauza lausoren bat entzuna zuen bere jaiotzaren eskandaluaz. Familiarik gabeko pertsona bat zen, hildako aita bat, hildako ama bat ere ez zuena. Horretan guztian inoiz ez zuen pentsatzen, eta prest zegoen horrelako susmorik onartzen zutenei kanoiz tiro eginarazteko. Baina horrelakoetan bere Trianongo bihurrikeriatxoak eta txinatar etxetxoak ere atseginak iruditzen zitzaizkion. Izadiaren adiskiderik handiena bihurtzen zen eta maitasun unibertsala nahi izaten zuen, norbaitek maitatzea, besterik ez bazen. Hori dena erotzeraino puztu zen eta orduan zakarkeria zinezkotasuntzat hartzen zen, ergelkeria zintzotasuntzat, maltzurkeria jatortasuntzat, eta botinak lustratzen zizkion turkiar soldadua konde izatera iritsi zitekeen. Yuri Aleksandrovitxek usaimen fina izan zuen beti aldaketetarako. Astebete itxaron zuen eta usaina hartu zuen. Pauso arin baina alaiez zapaltzen zuen beirazko bionboaren inguruan eta Aiphatu tenienteordeari buruz zekien guztia bat-batean jaulki zion enperadoreari, sudurmotzaren seinalearena salbu, jakina. Orduan enperadorek halako zaunkak, txakurrarenak bezalakoak, halako algara mozkor, etenak egin zituen, non norbait uxatzen ari zela baitzirudien gehiago. Yuri Aleksandrovitx kezkatu egin zen. Nelidovari atsegina eman nahi zion, etxeko lagun gisa, eta bere balioa adierazi, bide batez, zeren alemaniar esaera batek dioen bezala, bidaia batean umsonst ist der Tod, heriotza baizik ez da doan. Baina horrelako algarak bigarren mailako paper bat betetzera ere eraman zezakeen Yuri Aleksandrovitx, eta suntsitzeko baliabidea ere izan zitekeen. Trufa anker bat ez zen izango, bada? Ba ez, enperadorea barreak lehertzen ari zen. Luma bati heldu zion eta Yuri Aleksandrovitx, oin puntetan jarrita, enperadorearen eskuaren atzetik irakurtzen ari zen: AIPHATU TENIENTEORDEA, SIBERIARA DEPORTATUA, ITZUL BEDI, IZENDA BEDI TENIENTE ETA EZKON BEDI OHOREZKO DAMAREKIN. Eta, hori idatzirik, enperadoreak pozarren egin zuen gelaren itzulia. Txalo bat egin, gehien gustatzen zitzaion abestia abesten hasi eta ziztuka ekin zion: Izeidi, izeidi nirea, Nire urkidi trinkoa… Eta Yuri Aleksandrovitxek, ahots mehe, gozoz jarraitu zuen: Liruliru-li. 14 Hozka egin dioten zakurrak landara irten eta hantxe sendatu nahi izaten du belar garratzez. Siniukhaiev tenientea oinez joan zen San Peterburgotik Gatxinara. Aitarengana joan zen, ez laguntza eske, Gatxinan aita bazuen ala ez zuen egiaztatzeko gogoz baizik, agian. Aitak agurtu zuenean, ez zion ezer erantzun, ingurura begiratu eta alde egiteko prest zegoen, uzkurtuta zegoelako eta are muzinkeriak ere egiten zituelako. Baina sendagileak, haren jantzien hondamena ikusita, eserarazi eta egia jakin nahian hasi zen: –Jokoan galdu duk ala behar ez zenen bat egin duk? –Ez nago bizirik –erantzun zuen bat-baten tenienteak. Sendagileak pultsua hartu zion, izainei buruz zerbait esan zuen eta zer gertatu zitzaion jakin nahiz jarraitu zuen. Bere semeari zegozkion hutsegiteen berri jakin zuenean, hunkitu egin zen, ordubetez aritu zen eskaera bat idazten eta berridazten, semea eskaria sinatzera behartu zuen eta hurrengo egunean Araktxeiev baroiarengana jo zuen, egun hartako txostenekin batera aurkez zezan. Semea etxean edukitzeak lotsa ematen zion, ordea; ospitale militarrean sartu zuen eta oheburuko oholean idatzi zuen: Mors occasionalis Ustekabeko heriotza 15 Araktxeiev baroiari kezka eragiten zion estatuaren ideiak. Horregatik, hain zuzen, haren izaera ez zen askorik makurtzen ideia hori zehaztera, barreiatua zen. Baroia ez zen gorrotatzailea, onbera ere izaten zen inoiz. Historia tristeren bat kontatzen ziotenean, malkoak ateratzen zitzaizkion, haur bati bezala, eta, lorategiaren itzulia eginik, kopek bat ematen zion lorategiko neskatoari. Gero, lorategiko bidetxoak erabat garbituta ez zeudela ohartzen bazen, neskatoa zigortzeko agintzen zuen. Zigorkadak eman ondoren, bost kopekeko txanpon bat ematen zion. Enperadorearen aurrean maitasunaren antzeko ahulezia bat sentitzen zuen. Garbitasuna gustatzen zitzaion, huraxe zuen bere izaeraren ikurra. Baina zikin-punturen bat aurkitzen zuenean, orduantxe zen zoriontsua, eta aurkitu ezean, behazundu egiten zen. Haragi berria jan ordez, gatzartua jaten zuen beti. Adigalkorra zen, filosofo bat bezala. Eta, egia esateko, alemaniar zientzialari batzuek antz apur bat aurkitu zuten haren begien eta orduan Alemanian fama handia zuen Kant filosofoaren begien artean: malkotsuak ziren, kolore zehazgabe batekoak eta errezel garden batez estaliak. Baroia, ordea, sumindu egin zen norbaitek antz hori aipatu zionean. Xuhurra izan ez ezik, distiratsu eta beti bere itxurarik onenean agertzea gustatzen zitzaion. Horretarako, etxeko ekonomiako xehetasunik apurrenetan ere sartzen zen. Kapera, domina, irudi proiektuetan eta jateko gastuetan ere sartzen zen. Ikaragarri gustatzen zitzaizkion zirkuluak, elipseak, hiru isatseko zigorretan larru-zerrendak bezala txirikordaturik, begia engaina zezaketen marrak. Eta bisitariak edo enperadorea bera engainatzea eta besteak bera engainatu nahi zuenean ezikusiarena egitea gustatzen zitzaion. Hura engainatzea ez zen erraza, jakina.$$ Bere jendearen gauzen inbentario zehatz-zehatza zeukan, hasi kamera-laguntzailearengandik eta sukaldeko laguntzailearenganaino, eta ospitaleko inbentario guztiak egiaztatzen zituen. Siniukhaiev tenientearen aitak lan egiten zuen ospitalea antolatzeaz gainera, baroiak berak agintzen zuen nola jarri oheak, non aulkiak, non egon behar zuten barneko sendagileen mahaitxoek, eta baita zer itxura izan behar zuen lumak, soila alegia, mototsik gabe, erromatar calamus-aren –kanaberaren– moduan. Luma zorroztu motosduna edukitzeagatik, bost zigorkada irabaz zitzakeen erizain batek. Erromatar estatuaren ideia biziki interesatzen zitzaion Araktxeiev baroiari. Horregatik, arretarik gabe entzun zion Siniukhaiev sendagileari eta, hark eskaera luzatu zionean, orduan irakurri zuen arretaz, eta kargu hartu zion dokumentuaren sinadura ezin irakur zitekeelako. Semeari eskuak ikara egiten ziolako aitzakia eman zion sendagileak. –Ai, adiskidea, ikusi –erantzun zion baroiak pozik–, eskuak ikara egiten dio. Ondoren, sendagileari begiratuz, galdetu zion: –Eta noiz hil zen? –Ekainaren hamabostean –erantzun zion sendagileak, txunditurik. –Ekainaren hamabostean –jarraitu zuen baroiak pentsakor–, ekainaren hamabostean… Gaur hilak hamazazpi ditu –esan zion bat-batean sendagileari bertatik bertara–. Eta non egon da hildakoa bi egun hauetan? Medikuaren aurrean irribarre maltzur bat eginez, eskaerari garrazki begiratu eta esan zuen: –Hortxe hutsegitea. Orain alde, adiskidea, alde. 16 Meletsky abeslari eta estatu-idazkariak zorira jokatzen zuen, arriskatu egiten zen eta maiz irabazten zuen, beti balakuz jokatzen zuelako, Cameronen koloreen modura, baina irabaziak galera bilaka zitezkeen, laukote-jokoan bezala. Araktxeiev baroiak bestelako ohitura zuen. Hark ez zuen arriskurik hartzen, ez ezeren bermerik ematen. Oso bestela baizik, gehiegikeria guztiak salatzen zituen enperadorearentzako txostenetan, eta haiek zigortzeko baliabideak eskatzen zituen ondoren. Meletsky lortzeko arriskatzen zen ezeztapena, baroiak bere kabuz egin zuen. Irabaziak urrutitik handia zirudien, itsasargiaren jokoan bezala. Enperadoreari argi eta garbi jakinarazi zion Siniukhaiev teniente zena Gatxinan azaldu zela eta ospitalera bidali zutela. Horrenbestez garbi geratzen zen bizirik zegoela, eta berriro gudarosteratzeko eskaria aurkeztu zion. Eta halaxe igortzen da eta dagokion ebazpena eskatzen. Dokumentu horren bitartez bere apaltasuna erakutsi nahi zuen, gauza guztiak ugazabari galdetzen zizkion zerbitzariaren moduan. Bizkor iritsi zen erantzuna, bai eskariari bai Araktxeiev baroiari bereziki. Eskariari ebazpena gehitu zitzaion: Siniukhaiev teniente ohiari, hil izanagatik armadatik lizentziatuari, eskaria ukatua, horrexegatik. Eta Araktxeiev baroiari ohar bat bidali zitzaion: Araktxeiev baroi jauna. Harritu nau zuk, jeneral maila izanik, ez ezagutzeak ordenantza, eta Siniukhaiev teniente zenaren eskaria niri zuzenean bidali izanak eta ez haren erregimentuari, teniente hori dagoen erregimentuko kantzilergoari bidali behar baitzitzaion hasieratik eta ez ni kargatu horrelako eskakizunez. Gainerakoan, zure zerbitzurako. Paulo. Ez zuen esaten “beti zure zerbitzurako”. Eta Araktxeievi malkoak atera zitzaizkion, horrelako kargu hartzeak ezin baitzituen onez eraman. Bera joan zen ospitalera eta teniente hila handik kanpora bidaltzeko, jantzi zibilak emateko eta inbentarioan jasota zeuden ofizial jantziak kentzeko agindu zuen. 17 Aiphatu tenientea Siberiatik itzuli zenerako, askok zekiten haren berri. Enperadorearen leihopean “Guardia” hots egin, zigortu eta Siberiara deportatu, eta gero barkatu eta teniente izendatutakoa zen. Horiek ziren haren bizitzari buruzko datu seguru bakarrak. Komandanteak ez zuen inolako arazorik harekin, eta behin guardiarako, hurrengoan zerbitzurako izendatzen zuen. Erregimentua desfilatzeko eremuan agertzen zenean, tenienteak ere parte hartzen zuen. Ereduzko ofiziala zen, harengan inolako okerrik sumatzen ez zelako. Bere ondoez laburraren bidez tenientea salbatu zuen ohorezko dama poztu egin zen hasieran, ustekabeko maitale batekin elkartzen zutelako. Tantoa jarri zuen masailean eta elkartzen ez ziren begiztak estutu egin zituen. Gero, elizan, bakarrik zegoela ohartu zen, eta laguntzaileak hutsune baten gainean zeukala koroa bere ondoan. Berriro ondoezik erori nahiko zukeen, baina begiak apaldu eta bere gerria ikusi zuenean, iritziz aldatu zuen. Askori gustatu egin zitzaien misterio hura, senargaia eztei-zeremonian ez egotea. Eta handik aldi batera Aiphatu tenienteak seme bat izan zuen; aitaren antza omen zuen. Enperadoreak ahaztu egin zuen. Egiteko asko zuen bestela ere. Nelidova bixkorra abandonatu eta haren lekua Gagarina mardulak betetzen zuen orain. Cameron, suitzar etxetxoak eta Pablosky bera ere ahaztuta zeuden. Militarren San Peterburgo mozkotea adreilu desfile baten moduan zetzan. Suvorov, enperadoreak maite ez baina, Potemkin zenarekin haserre egon zelako, jasan egiten zuena, bere landako bakardadetik atera zuten. Beste kanpaina bat zetorren, eta enperadoreak bere asmoak zituen. Asmo ugari, eta askotan bata bestearen ondoren pilatzen zirenak. Paulo Petrovitx alboetara zabaltzen ari zen, eta altueraz mozten. Aurpegia adreilu-kolorekoa ari zitzaion bihurtzen. Suvorovek berriro galdu zuen uste ona. Enperadoreak geroz eta gutxiagotan egiten zuen barre. Behin erregimentuaren zerrendak berrikusten ari zela, Aiphatu tenientearen izena topatu zuen eta kapitain izendatu zuen, eta beste batean koronel. Tenientea oso ofizial arretatsua zen. Gero berriro ahaztu zuen enperadoreak. Aiphatu koronelaren bizitza ezertan nabarmendu gabe zihoan aurrera, eta denak moldatzen ziren hartara. Etxea bulegoa zuen, kuartelean bazuen bere gela, eta batzuetan txostenak eta aginduak eramaten zizkioten, eta ez ziren askorik harritzen koronela han ez zegoelako. Erregimentuari agindu ere egiten zuen. Birentzako ohe erraldoian ongien sentitzen zena ohorezko dama zen. Senarra promozioetan gora zihoan, eroso lo egiten zuen, eta semea hazten ari zen. Batzuetan tenienteren batek, kapitainen batek edota zibilen batek berotzen zuen koronelaren lekua. Gauza bera gertatzen zen San Peterburgoko koronel askoren oheetan, jabeak kanpainan zirelarik. Behin, maitale nekatu bat lotan zegoela, ondoko gelan kirrinka-hotsa entzun zuela iruditu zitzaion. Berriro errepikatu zen kirrinka-hotsa. Lurra arrakalatzen ari zen, inondik ere. Andreak gizona astindu zuen, kanpora bota zuen eta atera jaurti zizkion jantziak. Ohartu zenean, bere buruaz barre egin zuen. Baina horixe bera gertatzen zen koronel askoren etxeetan. 18 Nekazariak haize-usaina, emakumeak kearena. Siniukhaiev tenienteak inori ez zion aurpegira zuzenean begiratzen, usainaren arabera bereizten zituen pertsonak. Usainagatik aukeratzen zuen gaua non igaro, eta zuhaitzen baten gerizan lo egitea nahiago izaten zuen, zuhaizpean euriak hainbeste bustitzen ez zuelako. Inon gelditu gabe jarraitzen zuen aurrera. Mutiko batek “zopak egiteko” jaurtikitako harri zapalak ibaia ur-azala ia ukitu ere gabe nola igarotzen duen, halaxe igarotzen zituen Estoniako herriak. Aldian behin estoniar emakumeren batek esnea ematen zion. Zutik edan eta aurrera jarraitzen zuen. Neska-mutikoak isildu egiten ziren eta beren muki zurixken distira erakusten zuten. Herria bere atzean ixten zen. Haren ibilera ez zen askorik aldatu. Ibiliaren ibiliz ibilera lasaitu egin zitzaion, baina ibilera lasai, ia jostailu batena zirudien hura, militarra zen hala ere, ofizial batena. Norabidea ez zuen aukeratzen. Baina bai kalkula zitezkeela norabide horiek. Bidetik alde eginez, sigi-sagan, Uholde Handia irudikatzen duten koadroetako tximistak bezala, zirkuluak egiten zituen, eta zirkulu horiek estutuz zihoazen geldiro-geldiro. Hala igaro zen urte bat, harik eta zirkulua puntu batean itxi eta San Peterburgon sartu zen arte. Barrura sartuta, alderik alde inguratu zuen. Orduan hirian zehar biraka hasi zen, eta aste osotan bira berbera egiten zuela gertatu zitzaion. Bizkor ibiltzen zen, bere ibilera militarrean beti, hankak eta oinak nahita zintzilik balerabiltza bezala. Saltzaileek ezin zuten ikusi ere egin. Saltokien ilararen aurretik igarotzea suertatzen zitzaionean, oihu egiten zioten atzetik: –Etorri atzo. –Begira nondik zabiltzan. Zori txarra ekartzen zuela esaten zuten, eta ogi-saltzaileek, haren begiradari ihes egiteko, ogi bana ematen zioten, esan gabe adostuta. Haurrek, beti jakin izan baitute buruz sendoak ez direnen mugak sumatzen, atzetik lasterka joan eta oihu egiten zioten: –Motza! 19 San Peterburgon Paulo Petrovitxen jauregiko zentinelek oihu egin zuten: –Enperadorea lotan dago. Oihu hori bera errepikatzen zuten alabardariek bidegurutzeetan: –Enperadorea lotan dago. Eta dei hori entzunda, bata bestearen ondoren ixten ziren saltokiak eta oinezkoak etxeratu egiten ziren. Gaua esan nahi zuen. San Isaak plazan zaku-oihalez jantzitako jende multzoak, herrietatik lanerako ekarriak, suak itzali eta bertan etzaten ziren, lurrean, piltzarrez estalirik. Alabardariek “enperadorea lotan dago” oihu egiten zutenean, haiek ere lotara joaten ziren. Petropablosky gogorlekuaren gainean ordularia bailitzan zebilen zentinela. Arrabaletako taberna batean kosako gazte bat zegoen, gerrian zuhaitz-azalezko gerrikoa zuela, zalgurdi-gidari batekin tsarraren ardo gozoa edaten. –Aitatxo sudurmotza ez da luzerako –esan zuen zalgurdi-gidariak–, garrantzi handiko jendea eraman dut… Jauregiko zubi altxagarria jasota zegoen, eta Paulo Petrovitx leihotik kanpora begira. Oraingoz salbu zegoen, bere uhartean. Baina jauregian baziren berak ulertzen zituen txutxumutxu eta begiradak, eta kalean espresio bitxi batez belaunikatzen ziren bere zaldiaren aurrean. Halaxe zegoen aginduta, baina orain jendea ez zen beti bezala belaunikatzen lokatzetan. Sutsuegi belaunikatzen ziren. Zaldia garaia zen eta bera balantzaka zelan. Bizkorregi erreinatzen zuen. Jauregia ez zegoen behar bezala defendatuta, zabalegia zen. Gela txikiago bat aukeratu behar zen. Baina Paulo Petrovitxek ezin zuen halakorik egin; segituan erreparatuko zuen norbaitek. “Tabako-ontzian ezkutatu beharko nuke”, pentsatu zuen enperadoreak, tabako-hautsa esnifatuz. Ez zituen kandelak piztu. Ez zen arrastorik utzi behar. Ilunpetan zegoen, azpiko arropa hutsetan. Leihotik jendea kalkulatzen zuen. Aldaketak egin zituen, Bennigsen oroimenetik ezabatu zuen, Olsufiev sartu zuen. Zerrenda ez zen egokitzen. –Ez dira nire kalkuluak… –Araktxeiev ergela –esan zuen golkorako. ...–…une vague incertitude2, hori du honek… Zubi altxagarrian ozta-ozta ikusten zen zentinela. –Ondo legoke –esan zuen, ohi bezala, Paulo Petrovitxek. Tabako-ontzian behatz-kolpez errepikan ari zen. –Ondo legoke –gogoratzen ahalegintzen zen, eta kolpe-errepikan jarraitzen zuen. Egin beharreko guztia aspaldi eginda zegoen, eta ez zen aski. –Ondo legoke Aleksander Paulovitx atxilotzea –presakatu zen, eta eskuaz ukatu zuen. Ondo legoke… Zer legoke ondo? Oheratu eta mantapean sartu zen bizkor-bizkor, dena egin ohi zuen bezala. Lo sakon batean murgildu zen. Goizeko zazpietan kolpetik esnatu zen eta gogoratu zuen: Ondo legoke berekin guztiz zorretan zegoen gizon tolesgabe eta apal bat aukeratzea, eta beste guztiak kentzea. Eta berriro lo hartu zuen. 20 Biharamun goizean Paulo Petrovitx aginduak begiratzen ari zen. Aiphatu koronela jeneral izendatu zuten ustekabean. Ondasun eskaka aritu ez zen koronel bat zen, ez zen igo gizarte mailetan gora osabaren baten kontura, ez zen buru-iritzia, ez berritsua. Kexurik eta zaratarik gabe betetzen zituen bere egitekoak. Paulo Petrovitxek haren zerbitzu-orriak ekartzeko eskatu zuen. Koronela, artean tenienteordea zela, enperadorearen leihopean “Guardia!” oihu egin zuelako Siberiara deportatu zutela adierazten zuen dokumentu batean gelditu zen. Oroitzapen lauso bat etorri zitzaion eta irribarre egin zuen. Hartan bazen maitasun-istorio xarmagarri bat. Oraintxe ederki egokituko litzaioke behar denean leihopean “Guardia!” oihu egiteko gauza zen norbait. Etxalde bat eta mila arima izendatu zizkion Aiphatu jeneralari. Egun hartako arratsean bertan azaldu zen agerira Aiphatu jeneralaren izena. Hari buruz hitz egiten zen. Norbaitek tsarrak Pahlen kondeari aspaldi ikusten ez zioten irribarre batez nola esaten zion entzun zuen: –Emazkiozu dibisioak, ikusiko duzu. Garrantzi handiagoko gauzetarako behar dugu. Bennigsen ez beste inork ez zuen aitortu nahi jeneral hari buruz ezer ez zekienik. Pahlenek begiak erdi itxi zituen. Aleksandr Lvovitx Narixkin ganberari nagusia jeneralaz gogoratu zen. –Bai, Aiphatu koronela… Gogoratzen naiz. Sandunovarekin zebilen… –Desfileetan, Gorriarekin… –Nago Olsufiev, Fedor Yakovlevitxen senitartekoa ez ote zen… –Ez da Olsufieven senitartekoa, konde jauna. Frantziatik etorria da. Aitari plebeak lepoa moztu zion Tulonen. 21 Gauzak bizkor gertatu ziren. Aiphatu jenerala enperadorearengana deitu zuten. Egun horretan bertan enperadoreari jakinarazi zioten jenerala oso gaixo zegoela. Enperadoreak marmarka egin zuen, amorratuta, eta botoi bat erauzi zion berri hori ekarri zion Pahleni. Ahots erlastuz esan zuen: –Eraman ezazue ospitalera, senda ezazue. Eta sendatzen ez bada, aizu… Enperadorearen kamera-lekaioa egunean bitan joaten zen ospitalera haren osasunaz galdetzera. Areto nagusian, ateak erabat itxita, hara-hona zebiltzan sendagileak, ikaratan, gaixoak beraiek bailiran. Hirugarren eguneko ilunabar aldera Aiphatu jenerala hil egin zen. Paulo Petrovitx ez zen haserretu. Begiak malkoz lausotuta begiratu zien denei, eta urrundu egin zen. 22 Aiphatu jeneralaren hiletak luzaro gogoratu ziren San Peterburgon, eta memorialista bat baino gehiagok jaso zituzten haien xehetasunak. Erregimentuak ikurrinak bilduta desfilatu zuen. Gorteko hogeita hamar karroza, batzuk hutsik, besteak beteta, zihoazen balantzaka segizioan. Hala erabaki zuen enperadoreak. Zenbait kuxinatan haren kondekorazioak zeramatzaten. Zerraldo beltz, astunaren ondoren emaztea zihoan, haurra eskutik zuela. Negarrez. Segizioa Paulo Petrovitxen jauregiaren ingurutik igaro zenean, enperadorea geldiro atera zen zubiraino, segizioa ikustera, eta ezpata biluztua jaso zuen. –Onenak hiltzen zaizkit. Gero, gorteko karrozak bere ondotik igarotzean, latinez esan zuen, haiei atzetik begira. –Sic transit gloria mundi. 23 Horrela ehortzi zuten Aiphatu jenerala, bizitza honetan egin daitekeen guztia eginik eta eduki daitekeen guztia edukirik: gaztetasuna, maite-abenturak, zigorra eta erbestea, zerbitzu-urte luzeak, familia, enperadorearen ustekabeko uste ona eta gortearen inbidia. “San Peterburgoko Nekropolian” haren izena agertzen da, eta historialari batek baino gehiagok aipatzen du zeharbidez. “San Peterburgoko Nekropolian” ez da agertzen Siniukhaiev teniente ohiaren izenik. Arrastorik utzi gabe desagertu zen, erraustuta, apur-apur eginda, inoiz existitu ez balitz bezala. Eta Paulo Petrovitx Aiphatu jenerala hil zen urte bereko martxoan hil zen, apoplexiaz, informazio ofizialaren arabera. Oharrak [←1] Galdurik gaude (jatorrizkoan frantsesez) [←2] …zalantza lauso bat (jatorrizkoan frantsesez).
Plutarkok bere “Bizitza Paraleloak” (Βίοι Παράλληλοι, Bioi parallēllo ) idatzi zituelarik orduko kultura-ekintzaren pertsona printzipalen arteko antzekotasunak azalarazteari ekin zion. Horrela, Solon eta Publikoa izpiritu errepublikanoaren adibideak ziren edo Alexandro eta Julio Zesar militar intelektualak...Bikoteak egiterakoan arrasto biografikoak erabili ohi zituen eta, arau moduan, greziar bat erromatar batekin lotzen saiatu zen beti. Historiografia zen, bada, biografiaren bidez garatua, hain justu, Plutarko zenaren ahalegina. Baina, hots, horrekin batera greziarren eta erromatarren munduak itsatsi nahi zituen. Bat beste bihurtu, biak korapilatu, uzkaldu eta erantsi. Horren aparte diruditen Joxe Azurmendiren eta Gabriel Arestiren poesiak, Plutarkok hautaturiko bizitza greziar eta erromatarren arteko erkaketak bezain beste, alderagarriak izan arren, paralelotan ulertu beharra dagoelakoan nago. Eta alderantzizko zentzuaz, gainera. Azurmendiren idazkien kasuan, esaterako, ez ahaztu bere lehenengo poemak eta Arestiri dagokiolarik, berriz, ezin albora daitezke bere azken urtetako gutuneria, benetako saiakerak euskal kulturari buruz. Azken urtetako Aresti marxista porrokatua izan zen, Azurmendi gaztea zen bezain beste behintzat. Eta, aldiz, Aresti gaztea nazionalista ia “sabindarra” zen bitartean, azken urteotako Azurmendiren ekarpenak gero eta abertzaleagoak direla esan daiteke... Bi obra, bi bide. Paraleloak. Eta elkarri norabidearen kontra. Nor zen Lazkano Mendizal? Gizaberearen Bakeak eta gerrak (1991, Elkar) liburuaren aurrekari izan zen Gizona Abere hutsa da (EFA) 1975an argitaratu zuen idazle bera: Joxe Azurmendi, jakina. Franco diktadorea hil zen urtean kaleratutako liburuaren egiletza ezin zen guztiz publikoa egin eta, halaxe, ezizenez sinatuta agertu zen. Gero etorri ziren Demokratak eta biolentoak, 1997an, eta Euskal Herria krisian, 1999an, moralismo politikoaren meditazioak izan daitezkeenak, baina, haien oinarrian, aipatu Gizona Abere hutsa da testua daukagu. Hau da, bortxari buruzko Etikaz (Espainiaren arimaz liburuan -Elkar 2006an, Mikel Azurmendiri argitaratutako kritikak, esaterako, lehenendik Gizaberearen Bakeak eta gerrak liburuaren 80.eta 81eko orrietan agertzen dira) nahiz Antropologiaz (Joseba Zulaikaren Violencia vasca: metáfora y sacramento delako Tesian) haragoko pentsamendu filosofikoa etologian oinarrituta. Moralaz gaindi eta mota guztietako antropozentrismoetatik at, Joxe Azurmendik, hurrengo urteetan osatuko duen biolentziari buruzko diskurtso filosofikoak aipatu liburu honen 175 orritik, 195rako orriotara, “Abereen agresibitate naturalaz” izeneko atalean dauzka sustengu eta oinarri, nire buruz. Hauxe dela eta , Joxek honakoa dio (Gizaberearen Bakeak eta gerrak): “Naturak ez bait du gizona piztia baizik egin: aiduru beti, etsaiak erasoko ote dion. Atzar-atzarri beti alarma, defentsarako nahiz ihes egiteko tximista batean. Hori da naturak eman diona: Natura edonon den borrokan, berak ere borroka egiteko eta irauteko aparamena. Naturak natura egin du gizona. Ez «pentsamendu», arrazoimen. Hau da: «gaitz» horien iturburu bila, kausa post-natural edo antinaturalen bat aipatzen duten teoriek (a), natura eta kultura bi mundu ezberdin eta apartekotan ebakitzen dituzten hipotesi dualistek (b), edota gizona sortu eta gerozko «erortza» edo «bekaturen» bat imajinatzen duten asmazio guztiek (c), funtsean «gaitz» haien agerpen konkretu batzuetarako okasioak edo aitzakiak bakarrik begiesten dituztela. Ez iturburuak berak. Hauek naturan bertan dauden sustraiak dira, eta sustraiok gizonaren historia guztira hedatzen dira.” (129, 139 orr.) Pentsamendu hau garatzen da liburu berean “Haurren agresibitateaz, eta guri zer”, eta, batik bat, “Agresibitatearen kondenaz eta gizarte perfektuaren utopiaz” izeneko aipatu liburuaren azken bi ataletan (konklusio gisa uler daitezkeenak). Handik aurrera, bere “Manifestu atzeratua”ren hasieran agertzen zen kondenari buruzko kritikak (“Panfleto bat idatzi nizun kondenatu nahi banauzu:..”) bortxaren erabilera politikoaren kritika bihurtu direlakoan nago. Hala La violencia y la busqueda de nuevos valores (Hiru, 2001), nola Barkamena, Kondena,Tortura (Elkar, 2012.) liburuetan antropozentrismoa, alde batetik, eta ikuspegi etikoa, bestetik, etologiatik datorren gogamen filosofikoaz gainditzen da. Izan ere, bi testu haietan kontzientzien kontrolaz hitz egiten digu Joxe Azurmendik, hasieran Elizaren bitartez egiten zena eta, orain, zuzenean, Estatuak egiten duena, baina, bortxaren monopolioa berarentzat gordetzen duen bitartean, gizakiaren berezko agresibitatea kondenatuz betiere. Kontuan hartu gabe, gainera, “Manifestu atzeratua”n poetikoki azaldu bezala, bortxa ere emantzipazioaren aldeko izan daitekeela. Beraz, “Manifestu atzeratua”n Joxek berak zioen moduan: “Nik ez dut bakerik nahi zeren bakea ez da libertatea...ta nire herriari indar egiten zaio...libertatea etorkizunean dago...libre izan nahi dugu...gizona ez da ideia bat...zergatik ez aitortu? Gizona mendian dabiltza otsoa bezala da ...gizon honek ez du hil nahi...eta ez du hilda bizi nahi ere, librea nahi du...baina libertatea ez merezi, irabazi egin behar da...orduan bai, eguzki zaharrak argi berria emanen du...” Manifestu debekatua: Gabriel Arestik 1961ean idatzi zuen Zuzenbide debekatua. Zuzenbide debekatu hitz haiekin, Arestik esan nahi zuen Euskal Herriari zuzenbidea, justizia debekatu izan zitzaiola. Euskal Herriak Espainiatik ez duela inoiz aukerarik izan modu justuan tratatua izateko zioen1. Gabriel Arestik hori idatzi zuenean, poema luze bat utzi zigun, eta idazki hartan nahasten dira lehen aldiz bere literaturan bertsogintza zaharra, herritarra, eta orduko abangoardistak. Lizardi sarirako aurkeztu zuenean, Zarautzen, noski, ez zioten batere saririk eman tradiziozko idatz moldeak erabili arren mamiaz oso aitzindaria zelako, eta poema hori argitaratu gabe geratu zen 1986ra arte. Urte honetan, alegia, 25 urte geroago, Susak kaleratu zuen Arestiren obra eta hartan, lehen aldiz euskara batua avant la lettre ikusten dugu, Euskaltzaindiak berak euskararen batasun bideak eman baino lehenago: hor azaltzen da jadanik euskara estandar bat, batua izango zenaren eredu. Bitartean 1961ean suertatu zen Euskal Herrian 339 apaizek erabateko kritika egin ziotela erregimenari, frankismoari, eta orduan hasi zen Euskal Herrian aldez aurretik ezagutzen ez zen sekularizaziorako dei bat, gizartea eta politika laiko hasi ziren bihurtzen, baita gero eta modernoago ere. Orduan, Arestik idatziko lukeen bezala, maldan behera hasi zen ohiko planteamendu jeltzale tradizionala, Jaungoikoarena eta lege zaharrena sasoi berean hasi zen sortzen gizartea eratzeko planteamendu berriago bat, sekularizazioarekin batera eta, ondorioz, Euskal Herria oso herri tradizionala izatetik herri modernoa izatera iritsi zen. Eta hura zer nolako testuinguruan gertatzen zen munduan? Kubako iraultzak irabazi berri zuen, 59ko Urte Zaharrean sartu baitziren castristak Habanan. Sobiet Batasunean hasi zen estalinismoaren nolabaiteko garbiketa (botere autoritario debekatzailetik kontrol mekanismo modernoetara pasatuz), Krutxev-ek hartu zituen lehenengo neurriak estalinismoaren kontra eta Stalin-ek kudeatutako prozesu errepresiboa ari zen susmopean planteatzen. Halaber, marxismoaren planteamendu berri bat garatuz zihoan, “ezker berria” deiturikoa, 2 ez bakarrik Kubarekin eta askapen mugimendu antiinperialistarekin, Sobiet Batasunean bertan oposizioa zabalduz eta handik kanpo ere borroka nahiz esparru molde berriak sortuz . Mundu mailan bazegoen egoera liskartsua, U2 deitutako misila banatzen ziren, beranduago Kubara iritsi zirenak, eta Hirugarren Mundu Gerratea hastear egon zen, baina bitartean Vietnamgo Gerra hasi zen, Koreakoa eta gero. Vietnamgo Gerraren garrantzia handia izan zen oso. Ameriketako Estatu Batuek Lehen eta Bigarren Mundu Gerratean ere zuten botere handia galdu zuten Vietnamgo Gerraren porrotarekin batera, eta orduan ikusi zen Kubako ereduak irabazi zuela, Vietnamek ere irabazi zuela, eredu politiko berriek gerra osteko etsipenetik irteteko aukerak irekitzen zituzten bitartean3. Espazio lehia gori-gorian zegoen, eta horrek esan nahi du globalizazioa, orain deitzen dugun globalizazioa behinik behin, hastapenetan zegoela. Estatu Batuetan eskuindarrek agintzen zuten, Ku Klux Klan-en ingurukoak, baina haien aurrean eskubide zibilen aldeko borrokak eman zuen urratsik... Frantziako kolonien askapenak sekulako eragina izan zuen Euskal Herrian, batik bat, Argeliako independentzia etorri zenean4. Argeliak independentzia lortu zuen 1962an. Eta ildo horretan, marxismotik planteatzen ziren, goian esan bezala, beste proposamen berritzaile eta antinperialistak: ezagunenak Txilen, batik bat, non boterea eskuratzeko gizarte bide berria jorratze bidean zegoen, eta Txinan, non Kultur Iraultza deitutakoa hasi zen zabaltzen. Halaber, Sobiet Batasunak eraginda, kritika bat zabaldu zen aurreko agintari sakralizatuen aurka eta, nolabait, sekularizazioetara ere jotzea izan zen orduko hautua. Zer gertatzen ari zen Euskal Herrian garai horretan? Bada, orduan apaizak jadanik gotzainen kontra oldartu ziren, baita euskara batua ere hasia zegoela aldarrikapenetik prozesu produktibo proposatzaile batera joaten. Ikusten denez, urte berberetan kaleratzen dira Mitxelenaren Historia de la Literatura Vasca (1960), eta izen bereko Villasanterena (1961), baita Literatura oral vasca, Manuel Lekuonarena ere (1961). Horrek bere garrantzia du, izan ere, gogoratu egin beharko genuke euskara batuaren prozesuan jeltzaleek beti kontrako bidea hartu zutela, ez baitzuten inondik inora onartzen euskara batuaren beharrik.5 Beraz, euskara batuak suposatu zuen euskaldun guztien batasuna,6eta, nola edo hala, honek batasun politikoa dakar berarekin batera. Aurreko planteamendua guztiz euskalkien aldekoa bazen, guztiz “filologista”, nolabait esanda, eta Elizaren menpekoa, batuaren aldeko jarrera berri horretan Eliza gaindituta suertatu zen. Euskara batuaren historian, eta hori behin baino gehiagotan azaldu da ikerketa desberdinetan, funtsezko etsaiak abertzaletasun tradizionaletik etorritakoak izan ziren 7. Agirre lehendakariaren heriotza ere ordukoa da (1960). Horrekin, berriro diot, gerran ibilitako belaunaldiaren gainbehera hasi zen eta, alderantziz, herri altxamendu berrirako ETA 1960aren inguruan8 sortu zen. Hotzez eratutako hitzak “Zuzenbide debekatua” Zarautzen aurkeztu zuen Arestik Lizardi sarirako, baina Orixe suertatu zen irabazle… eta horretaz doa Joxe Azurmendiri idatzitako gutunean Arestiren salaketa (1961ko maiatzaren 27an). “ Nire karta batean agindu eta igarri nizun bezala, Lizardi-saria Orixeri emana izan zaio. Komentariorik ez. Haren lizarditasunagatik, noski. Komentariorik ez. Eztut aurrerantzean euskal bertso bat ere eskribituko. Hau hemen eta Patagonian dakite. Asperkundearen aitzakiarekin presentatzen dut dimisioa.”9 Arestik Azurmendiri bere kezkak azaltzen zizkionean idazteko estilo berriaz ari zen, euskara berria eta batua aldarrikatzeaz gain molde herritarrak lehenesten zituen eta, ildo beretik, herri xeheari zegozkion kezkak. Hori buruan idatziko zituen Azurmendik, Alemanian zegoela, Zer dugu Orixeren kontra? (1976, EFA Jakin) baita Zer dugu Orixeren alde? (1977, EFA Jakin) liburuak ere. Arestiren bertso herrikoi haietan, berriz, Che Gevara eta Federico Garcia Lorca, Gabriela Mistral eta Blas de Otero, Hans Fallada eta Pio Baroja...agertzen ziren, orduko idazle kultuak, alegia. Ordukoa da “Harri eta Herri” (Itxaropena, 1964) eta handik eratorriko da “Harrizko Herri hau” (Lur,1970). Sintesi berria ari zen erdiesten euskal literaturan eta, haren erdian, Joxe Azurmendik argitaratzeko zuen bere “Manifestu atzeratua” (1968). Jakina denez, bere garaian “Hitz berdeak” ( EFA.1971) poemariotik zentsuratua izan zena eta 1990an Susa aldizkariak kaleratuta. 2001ean, XX. mendeko poesia kaierak (Susa) bere antologia poetikoen bilduman liburuki bat eskaini zion Azurmendiri, eta, hitzaurrean, Koldo Izagirrek honako hau idatzi zuen: "Azurmendiren poesia Jainkoaren beraren kontra ibiltzen da, ez Jainkoaren irudi edo manipulazio baten kontra. Ez du gizakia salbatu nahi, giza izaeraren kondena jasan nahi du. Hor agertzen da gizarte-existentzialismoa, Arestik bandera bihurtu baino lehen". Topikoa litzateke esatea Azurmendi saiakera egilearekin euskal literaturak poeta bat galdu zuela eta, aldiz, Aresti poetarekin euskal literatura kritikaria eta entsegularia galdu zela. Izan ere, bietan aurkitzen dugu garai bateko intelektual berriak, idazkera berritzaileak eta, ahalegin horretan, betiere, elkarren berri aritutako bi idazleak. Horregatik Joxe Azurmendi ez zaigu agortuko bere saio eta liburu polemikoak ikertzerakoan soilik. Halaber, Gabriel Arestiren emariaz aritzeko ezin dugu bere kontrako norantzan, paralelotan, zebilen Joxe Azurmendiren arrastoa galdu. Aitzitik, horretarako, beste idazkera mota bat eskaini behar diegu bioi: Hotz-hotzean, hitz modestu hatz eratua. Hitz modestu hatz eratua Martxan jarri zen itxuraren haria baita, ondorioz, kondenamania 1. Azaldu behar dut nirea Asaldatzeko bada ere Astoratzeko izan arren Atzoratu barik Ahaztu gabe Abian da Aberria Behatzez idatzi dut arean Berandu datorren panfletoa Baga etorri da eta Berdindu du hondarra Bortxa izan da hitza Bakarra eta latza Baregaitza Daukadana da nirea Dohakabea naiz Dolamen eta garrasiak Dauzkat bakarrik Doluak bizi nau Domatu gabea izateagatik Donarioan Eguzkia ez baita guretzat Eri da Herria Ez ehortzia, ordea Ehundu gabe baina Eiharra oso Eitegabe bezain beste Egingarria Filoterrorista nauzue Faltan dagoena Fama txarrekoa Faxismoaren aurka Farfaila mate ez dudalako Fedeaz ez fidatzeagatik Fermuki azaldu nahi duena Gabetasunak bizi nau Gai ez naizelako Gailentzeko ezer Gainera Gaitzaldian irauteko Gaitu egoera Gaiztoak Herriak ez du babesik Habiarik ez dago beretzat Habiondoko gu Haitz herria izanda Haritz itzalean Heziak eta haziak Haizeak ferekatuak Iheslekurik ez Ihintzak bustirik Ikarak beldurturik Ikasi dugu Ikusgarria dena Ibiliz iraunda Ingurutik irendua Jabegorik ezean jaioak Jainkoek jota joan gara jarraitu dugu jipoituak izanik Kariorik gabeak Karikaturen pareak Karraskatuak eta Karobiaz lurperatuak Kasta erakutsi beharra Kasu egin diezaiegun Kemenari eutsiz Lurtu gaituzte Lapurtu digute Langileen herriari Langak jarriz Lardaskan aritzera behartu Latza izan da Larregia Madarikatuak Magalpean ezkutatuta Makal irauten Makilatuak Makur Makoetan eta kaleetan Maite duguna maitatzeagatik Nabalak zauriturik Nabarmen bazterturik Nagitasuna ez da guretzat izan Nagusien aurreko borrokan Nahasia izan arren Nahikoak ere ez Nekeak ez du irabazi Ñañoak gara Ñiñir gabekoak Ñapurrak Ñakañaka ibilitakoak Ñaukañaukaka Ñarrotuak Ñabardura hor dago Onbeditzen ez dakigu Odola eman dugu Ongibiderik gabe Ohe huts baten truke Ohikoa izan da Oihanean galtzea Ohartzeke Panpinen Pareko Partaide Paratuak Partekatuak Pausatuok Pario egileak Robotak alde batetik Rapsodak bestetik Razziak pairatutakoak Rifleak eskutan Rock-and-roll airean Rabelesiar bezain beste Roseutarrak Sabaia urruti izan dugu Sabela gertu Saiatzeko gurean Saihesteko ezer ez zegoen Sakona izan da lana Sorterrian galdu Sarri errepikatu beharrekoa Tokian tokiaren agindupean Talka eginez usu Tarteka gozo Tankera txarrekoa Taldean beti Tinko Tenkatzen Ubelduak Ur ugerretan murgildurik Ugazaben aurka Ugarituz Ukaldi banatuak Ukatu gabe Ukituak Xagu sasiartean Xahutuak Xake jokoan Xehetuak Xidorretik ibiltzeagatik Xelebrekeriarik gabe Xutik Zabal Zaborrik jangabe Zaintzailerik onartzeke Zakar Zalu Zailki Zahartuak 2. Enaiz Termopilakoa eta ezin dut maite bakea nire desio benetakoa dut beti libertatea askatuko dut nire herria puskatuz daukan katea Ni ez naiz izan sekula ere besterentzako apeza kontrakorik pentsatu duenak oraintxe hitz egin beza baina esateko behar dudana ez daukat aski babesa Ez naiz egon ni inola ere Elizaren sakratuan ederrago baita niretzat gertuko lagunak ukan ez naiz trebe izan magia kontuan sazerdote moduan Getsemaniko Aingeru hori han omen zegoen lotan nire bizitzan ez dut sumatu ez nintzela haurtxotan are bakangotan ikusi nuen noizbait nintzen mutikotan Hemen zenbaitek du Gernikan duten arbola egia esanda niretzat behintzat horrek niri bost axola ez dut utziko inolaz ere xurga diezaidan odola Nork egingo du gure alde eta Herria guztiz askatu hark du seguru bide horretan egin duela bekatu Elizan bezala Politikan egin dute debekatu Amaia, Lelo, gainerakoak, baita ere geure Aitor denak zintzoak eta zuzenak, hala dezagun guk aitor bazter eginda, kondenaturik, haiek bezala edonor Mandamenduak zeintzuk diraden oraindik ere ez dakit ez dut ikasi dotrina hori eskolan entzunagatik gaiztoa omen naiz hori dela eta Euskal Herria higatik Neurez ikasi behar nuen nik pobreari ez lapurtzen ahulari laguntzen eta urkoari ez ukatzen zintzotasunez ibiltzearren erlijioa alboratzen Politika berriz erlijiora joan Elizaren bila ez du onartzen ez ikasia ezta ere inon hila jendea nahasten ikasi dute hautatzen zen den abila Kondenatzen ere badakite horretan dira trebeak gertatzen dena baldin badira horren gauza grabeak kulpante bila kolpatzeko ere dauzkate zabal ajeak Aldez aurretik garbi badago nor behar duten erruduna ez da pentsatu beharrik eta denbora irabaztunak bere gauzetan lan egingo du horrela ehunez ehuna Edonork ere borrokatzeko badauka gaurko ordena haren aurka jarriko omen da egun politika sistema politika ere egiteagatik jasoko baitu kondena Euskal Herria orain ez dakit ote haizen etorkizun hori lortzeko egin duguna zaigun barkakizun baina bitartez Euskal Herria beti hago eginkizun Bide horretan burututakoak agian ez dira aski egin ditugu denetatikan bai onak eta bai gaizki baina bederen bide horretan bururaino gara busti Jainkorik blitz gure gainean hauek denak balekizke mundu honetan ez ginateke gauden bezain triste Euskal Herria heu hintzateke behar dugun gerizpe 3. Libre izan nahi dugu haragizkoak garelako fedegabeak garelako aske eta duin bizi otsoen kontra sikatearen kontra justiziaren kontra Otsoak izan arren mendian gabiltza gizabereak bezala ez dugu hil nahi eta ez dugu hilda bizi nahi ere libre nahi dugu otsoen saldokook Plutarkoren bizitzak paralelotan otsoa, edo animalia, eta gizaberea elkartzen ditut moralean, afektibitatean eta arrazoian Homo homini lupus zioen Plautok Asinarian Gizakia ona da, jaiotzetik arrapostu zuen Rousseauk biek gizaberearen berezkoaz Hobbesek Plautorekin bateginik gizaki gaiztoa ikusten zuen bere Leviathanean munstro aseezina asasinoa eta ankerra Freudengan perbertsio naturalaz haurrari antzematen zaio haurra baita perbertso polimorfoa jaiotzetik gertu baitu berezkotasuna Nor zen Lazkano Mendizabal? poeta edo filosofoa edo idazlea soilik idazten pentsatzen duen saiogile saiatua Nola ausartu zen Gizaberearen gerrak aipatzen kondenatu gabe? Agian kolektiboaren izena da... atzean dagoena manifestu atzeratuan hatzez arean idatziak Itsasgorak eraman dezala itsasbeherak ezabatuko duena inoiz inon horretaz ez gogoratzeko Bortxa ez dela gaiztakeria ez indarkeria ezta bortizkeria ere Bortxa bakarrik gizaberearen baitan gizartean bertan naturaren legea Gizartea baino lehenago gizakia jaio aurretik sena Gizakia zena eta dena haren oinarrizko ulermena Munduko ontasuna eta pena ulertzeko ikusmena Ontasunaren paradoxa gurea gizakia abere hutsa da A arraren kontra oldartzen Beta arrak hiltzen hasi zirenean hasi zen gizartea Moraltasunaren ateak hasi zirenean irekitzen gizabereontzat Harriak jaurtitzea asmatu zenean urrutitik hiltzeko Gaitasun gaiztoa indar fisikoaren gainetik gailendu zelarik gizartearen arrastoa hasten da Oinarritutako hierarkiak amaitu ziren betiko Dabidek eta Goliatek elkar borrokatu aurretik A arraren kontra oldartzen Beta arrak hiltzen Ar indartsuago bati aurre egin behar bazaio ez dago beste biderik Buruan emandako harrikada batez irabaz daiteke bakarrik Tiraniaren aurkako borroka borroka armatua Gizarte bidezkoago baten sorrera bermatzen duen eboluzio bidea baita Zein indar eragilek bihurtu gintuen gizaki gizabereak izanik Gure lehengusu ebolutiboengandik at esaterako tximuez edo neandertalez gainetik? Gizaki bakoitzaren barruan "natura basatia" dago Gizabere izaera animalia-biolentzian sustraituta dago Giza arbasoak elkarrekin konspiratzen hasi zirenean euren komunitateetan Gizon oldarkorrak hiltzeko "koalizioaren eraso" dela medio gizateria abiatu zen bere osotasunera Eraso pausatua bezain premeditatua izaten da gakoa Eraso erreaktiboak oldarkorra besterik ez dena ez du balio Berehalako mehatxuari erantzuten diona ez da ezer Emozio beroak bultzatutako ihardespena hutsaren hurren da Inoren irainari kolpe batez erantzutea alperrik da Gizakia sortu zuena eraso proaktiboa da "hotz-hotzean planeatu" izaten dena Pleistozenotik bortxa ekintzak eginez gizarte hobeagoa erdietsi da Aberria Arbasoen herria Abere herria da Gizaberen gizartea gizakion habia garaitezinon natura Gizona mendian dabilen otsoa bezalakoa da Gizon horrek ez du hil nahi eta ez du hilik bizi nahi ere librea nahi du... baina libertatea behar da merezi ez irabazi baizik Aingeru Guardakoa Euskal Herrian Zaindaria eta zaintzailea, antzekoak izan arren ez dira gauza bera Zain dagoena dugu etxekoa eta etxea gure lekukoa eta lekua aingura gutartekoa Etxea ez baita inorena ez da nirea gurea baizik eta izena dauka Behinola etxeak ez ziren zenbatzen etxe bakarra zen norberarena bakoitzarena eta ez zuen zenbakirik izena baino ez Etxeak bizitzeko eraikitzen zirelako ez kanpotik begiraturik ederrak izateko egun etxeak bizitzeko makinak besterik ez direlako Le Corbusierek Dickenseki irabazi baitio eta jadanik kilkerraren kantua eta jostailu apurtutako etxerik ez dago Zoriontasunaren bila dabilen mundu honek etxea galdu du eta galdutako guztien antzera lekuaren bila dabil etxea nonbait badagoen jakinda Baina etxe hori gure esperoan dagoen lekua da itxaroten gaituzten tokia eta izena dauka hain geure gordekoa Halere inoiz ez da luzea izaten gure etxera daraman bidea eta hartaraino joan behar da sarri sasiek aurrera egiten baitute ibili gabeko bidezidorrean Izan ere zertarako balio du etxe batek ez badago mundu bizigarri bat non kokatzerik? Sorterrian edo atzerrian jauntxokeria dagoen bitartean nola izan dezakegu etxerik? aberria gizaki askeon etxea baita ez menpeko ilotarena Sorterria gure esperoan dagoen lekua da eta ezin da zenbatu izena baino ez baitu Etxea ez baita nirea gurea baizik geure esperantza esperoan arantza Egun etxez etxe aldatuz bizi arren norbera etxe batekoa izaten da eta etxe horrek izena dauka hain geure gordekoa aingura gutartekoa Aingeru Guardakoa Gorriak eta bi Arrats gorri Aitzkorrin baina Aitzkorri ez da gorria. Abelgorriak Aitzkorriko arrats gorrian baina ez dira gorriak abelgorriak. Abeltzainaren zapata gorriak ere gorriak direla esango dugu gorriak ez izan arren. Azkorri hondartza gorria ez den moduan, ezta Algorri labarra ere... Negu gorrian hots egiten du, kale gorrian egoteko gorriak pasatzen, Olentzero begi gorri eta galtza gorri elkarri begira dauden bitartean. Gorriak ez diren behi gorriak Mendigorrian daude haize gorriak astinduta eta musugorri baten zaintzapean. Hankagorriz dabil kaskagorria. Korrika dabil ilegorria sugegorriak umegorriari koska egin baitio. Herria hau urregorria da Auzi orbangorria duena. Berdin katalingorri edo buztangorri, Bizargorri edo bilogorri. Txantxangorria edota mantangorria. Mingorria edo elgorria. Koloreen auzia irrazionala delako. Auzi grabea, baina Newtonek arrazoirik ez. Kanten aurrejuzkoak ez du balio gurean, kategoriarik gabeko gure kategorrian. Goethengandik hona biluzgorrituta gaude, kulturalki larrugorritan. Gurutzebidea Alegria, Ikaztegieta Itsasondo, Legorreta, Ordizia, Beasain, Beasain apeadero, Ormaiztegi, Gabiria, Zumarraga, Legazpia Brinkola, Zegama, Altsasua Abesten zuen aldamenean garrasiak aditzen zuen gazteak Abesten zuen abestu nahi ez zuen abeslariak Arretxe artista harrituta Benetan Mikel ezagutzen ez zuelako Bere min orro terribleak entzun arren Bidegurutzean bizirik Denetatik ikusi zuen zinema aktorea Duintasuna gorde zuen zuzendaria Dohainik oinazez ordaindu zuena Mikel inon ez zegoelako Miatuta ere agertzen ez zelako Bide osoan dena arakaturik Bidasoan aurkiturik Hilik Idoia Pitin-pitinka erail zuten Mikel desagerrarazi zutenean Alaitasuna galdu zuen Mikel aurkitu zutenean Tristura berarekin geratu zen betiko Mikel hilik zegoela eta Soina hasi zitzaion moteltzen Urteren poderioz Ezin zuen hitz egin Denboraren jarioaz Mugitzea gero eta zailago egiten zitzaion Apurka-apurka Amiltzen joan zenb Amini-amini Itzaltzen joan zen Urte asko igaro zitzaizkion Mikel desagerrarazi zutenetik Idoia pitin-pitinka hil ziguten arte Tortura Herri izendapena da Araban Euskal Herrian Herriak toki fisikoa direlako Eta hitz egiten badakite Haien izenek hitz egiten digute Olerki fosilizatuak direlako Horregatik Arabako herrien izendegia irakurtzen dugula Euskal Herri oro ari gara irakurtzen Eta badakigu Araba ez dela alaba ezta semea ere Tokia edo lekua baizik Eta espazio fisikoek mintzatzen badakitela Haien izen bakoitzak zerbait dioskulako Gizakion hitz lauez hedatu ahal izateko Izendegi haiek irakurtzen ez dakitenek uler dezaten Edo horretan saiatzeko behintzat Errenteria zela zioen On Luisek “ni ez naiz aurrerazale atzerazale baizik...” zioskun Mitxelena Jaunak “Txillardegiren euskara ez da, nere ustez, hutsik gabea...” zeritzon Koldok berak Oreretak ez merezi Etxean plaka Herrian kalea, eskola, institutua eta eskultura Eta liburutegia Donostian Orereta merezi ez Unibertsitatean katedra zuen euskaltzain osoak Jose Luisek ez kalearik ez liburutegirik, ez katedrarik “Nobela antzekoak”idazten zituelako On Luisen ustez Ezta euskaltzain arrunta izendapenik ere Donostiak ez merezi Donostia merezi ez Bioi Bioi parallēllo Donostia Eta Muntto eta Untzaene utzi nituen atzean, han gainean, Aieteko partean Eta Txantxerrekatik behera jaitsi Eta Caviedes eta Errege-Jauregiaren arteko bidexka ilun bustia hartu Eta atzera begiratu nuen. Eta zauskada latz batek inarrosi ninduen bortizki Eta Errege-Jauregiaren etxe, eta etxetxo, eta ukuilu, eta batimendu gorri desberdinak oro zuhaizpearen trinkoan eta beltzean ene aurrean bertan ezabatzen zirelarik, Txantxerrekako bidexka ezkutua begiratu nuen azkeneko aldiz: beltz, mehar, beldurgarri Eta betirako debekaturik zegokidala konprenitu Lasalako Lehoia tokiz aldatu zen Txillardegi Enparantza Gaskuña Plaza izendatu zuten Ez dago Donostian Txillardegi eta Enparantzaren arrastorik egun Ezta Harrizbikieta edota Igara ere Tokiko izenak izan arren ez dira gizaki izen gisa inon azaltzen Baina gizakia ez da ezer, kosmosaren aurrean bakarrik dago, hutsik dago, ez du izenik Itsasoa lehenengo itsasoa da, Muitza azpikoa baina gero Itsasoa da letra handiz. Lakua lehenengo Soustonsgo lakua izan daiteke baina gero gizakiaren zorion sentimendu bat Espazioa irreala Animaliak paisaiak Existentziaren kontzepzioa sostengatzen dutena Haizeaz bestaldetik Mugagabe eta mugatuaren arteko dialektikan borrokan Donostian Gabriel Aresti kalea dago Arestik kalerik ez zuela onartuko idatzi bazuen ere Idazkera narratiboaren apokalipsian bizi gara Ahurti Autoreak esanahia ematen ez duenez Irakurleak modu aktiboan sortu behar du esanahia Testu azterketaren bidez Zer da Ahurti? Ahurti frantses herri baten paradigma da? Funtsezko organoak biltzen dituen plaza bat du: okina, ostatua, eliza eta herriko etxea. Eskualde honetara sentsazioen bitartez sartu beharra dago… Herri honetan aroa antirrepublikanoa ote? Tokiek eta istorioek esanahi-aniztasuna eskaintzeko gaitasuna dute Nahiz eta esanahi hori beste elementu formal batzuek mugatzen duten Idazketaren sekuentzia linealak behin betiko denbora-lerroa direnez Eta irakurleak jarraitu behar duenez, mugatu egiten da haren askatasun analitikoa Egitasmo horretatik ondorioztatzen da testu ideal batek itzulgarria izan beharko lukeela Eta interpretazio desberdinetara irekia Testu bat, toki bat, artefaktu murriztaileak saihestean baino ezin da itzuli Mundua irakurgai dagoelako bere geografia eta istorioetan Rolandek ez zekien euskaraz Baina Euskal herria irakurtzen bazekiela uste zuen Esan nahian Azkain baina ez karrikan Michelenia izena duen laborari etxea badago Larrungo maldan muga-mugan Eta hura ez da Frantzia ez eta Espainia ere Hori Mitxelenak bazekien, eta Txillardegik, eta Azurmendik Baina Barthesek ez Toki horretan apaizak errepublikazaleak dira Eta armak eskuan zapaltzaileen aurka borrokatu zuten Eta antzerkiaren bidez herriari bazka eman Eta elkartasunaren bidez mugaz bestaldekoak sostengatu Haizeaz bestaldetik Kostatarra, Aldaiko, Haritzgain Laguntzeko prest beti Hiru izen pertsona bakar batean Jaungoikoa izan gabe Baina haren laguna izanda Sokoan zokoratuta Kontrabandistak zain zituen Ibañetan Eiherazainaren astoaren laguntzaz mugari tiro egiteko Matalasen adiskidea Bere ingurua irakurtzen bazekien Baita hari buruz idazten ere Hendaia Azken aurreko geltokia Kanetako portu zaharrean Pierre Loti zenaren etxea Gatchutcha eta Ramuntcho Ez dira Jone eta Jose Luis Antigua, Hazparne, Miarritze,Paris,Anthony, Chevilly la Rue, Hazparne, Angelu, Antwerpen, Bruselas, Waterloo, Bruselas, Bordale, Tarnos, Salle d´Armagnac, Nogaro, Hendaia Azken aurreko geltokia 28 bizi-toki frankismotik ihesi bizi Pierre Loti idazleak bilatzen zuena Exotismoa, aurkitu zuen Frantzian bertan Jose Luisek eta Jonek Etxean bizi ziren Hendaian Euskal Herrian Baina ez ziren Gatchutcha eta Ramuntcho Eta Kanetako portu zaharrean Eva Forest kaia dago gaur egun Ea Justizia poetikoa Aldarrikatu zuen Gabrielek Euskal Herrian Justizia interdita egon delako Poema berriak eta bertsokera zaharra Irakurtzeko, ez kantatzeko Nahiz eta kantatuak izan diren Gabriel Zelaiak Rapsodia Euskara Gabriel Arestiren Zuzenbide debekatua Ez zuen Lizardi Saria lortu baina honakoa utzi zigun idatzita “Eta guk lortu behar dugun saria badakizu zein den? Beste edonolako sariak, teilatupeko sariak arbuiatu gaberik egiazko literatura gure hizkuntzan sortzea. Aizkorritik Eara Hendaian barna Aingeru Guardakoraino Euskara hutsik gaberik ez dago Euskara hutsez bizitzeko ahaleginean Ez du apokaliptikoa izan behar Mintzaira ezta idazkera Otsoak saldoka bizi direlako Gizakia gizaki baita Otsoen kontra Loti ederraren aurka Gizabere horrek ez du hil nahi eta ez du hilik bizi nahi ere askea nahi du... askatasunaren esangura bizi nahi du libertatea behar du merezi ez baizik eta etsi gabe erdietsi oro har har Oharrak [←1] Rodriguez, F (2011) “Arestiren zuzenbide debekatuaren poetika” in Berban gora iturria. Eako poesia egunak 2011. Bideo grabazioan. [←2] Lefebvre. H (2009) El marxismo. Davinci. Barcelona. [←3] Chomsky, N (2004) La objetvidad y el pensamiento liberal. Peninsula.Barcelona. [←4] Arbelbide. X. (2009) “Arjeliako gerra eta Euskal Herria”. http://www.euskonews.com/0504zbk/gaia50402eu.html [←5] BBAA. (1998) Liburu Gorria. Euskerazaintza [←6] Rodriguez, F. (2012).Txillardegi. Erein. [←7] Kintana, J. (1998) “Nazionalismoaren historia eta ideologia”.Uztaro 26 [←8] Txillardegi. (1984) Euskal Herria helburu. Elkar. Donostia. [←9] Gutunak/Arestiren literatur lanak. 149 or. Susa. Zarautz.
AURKIBIDEA HITZAURREA… … ETA AURRERAPENA I – 1994-1998 (7) Marraua (9) Iturriak (10) Ziurtasuna dardaraka (11) Zisne zuriak (14) Barru-mugak (15) Tartalo ala Odei (16) Beste bat (18) Aurrera bidean (19) Kanpotik at (22) Buru mugatua (23) Ahulezia (24) Amandreak (25) Mina aldarrikatzen (26) Biziko banaiz (27) Ez da maitasunezkoa (28) Garena galduta (29) Arlotea (30) Golkoan ihesi (31) Berpizteko garaia (32) Hiritarturik (33) Morroi alaiari (34) Senak eroanda (35) Eta gu..., eta hurrengoak? (36) Mirespen isila (37) Burua lurrean dagoenean (39) Agur, nire txoria (40) Garaien aurrean (41) Beharraren deia (42) Nahiaren menpe (43) Saskarren iheslaria (44) Goibeltasunari (46) Zentzu gabeak (47) Urrun (48) Ilundu du Porton (49) Kalatxoriaren hegala (50) Gorputzaren gezurrezko aginduak (51) Edozein klase-egun (52) Galdutakoak (53) Askapena (54) Aldendurik (55) Inbasioa (57) Loretan (58) II – 2005-2013 (61) Gura dut Euskal Hiria (62) Egunak ez dira nireak (63) Supermerkatuan (64) Itolarriari (65) Zure euria (66) Neska lirain bortxatua (67) 2+2 III – 2016-2020 (68) Ni bat asmatu nuen (69) Erdian (70) (71) Ez zaitut aurkitu (72) Mendez mende men (73) Musukoa (74) Kaiola bizitza (75) Pisu bat dago (76) Bertigoa HITZAURREA… Denbora zatika neurtzen omen da. Donostiako Tabakalera usategi erraldoi hutsa zenean ezagutu genuen elkar Aselek eta biok; oraindik denetatik bizi nahi izateaz, eta denetatik sartzeaz aspertzen hasi ginen garaian. Ordudanik zatika ehundu dugu elkarren berri izateko denbora. Hori da adiskidantza ederrenaren legea. Akordatzen naiz lau eguneko egonaldi etiliko-kultural hartaz piraten etxean. Gogoratzen dut nire aitaren elkarte gastronomikoan, arazo teknikoak medio, komunean grabazio bat egitera behartu genuenekoa. Oroitzen naiz Argentinara joan zeneko email trukaketa egiazkoez; eta Txilen atxilotu zutenean egoera gezurrezkoak eragin zigun ezinegon eta kezka hilabeteez. Uneak, beste barik. Laguntasunaren arauek ebakitzen eta erabakitzen dituzten instanteak. Urgentziaz, arin idazten duen prosagilea da Asel. Distopian aurkitzen du sarri lumaren lerroa. Agian, horregatik harritu nau bere estreinako poema bilduma honek: ez du presarik hartu utopiazale baten poemak izan daitezkeenak argitaratzeko momentuan. Iragan ez hain urruneko pasio, ilusio, balio eta sentimenduak orainean balekoak izan daitezkeela oroitaraztera datorkigun poeta egiazkoa. Badirudi Aselen ahotsa xuxurlaka datorkigula: akordatzen zara duela hogeita bost urte sinesten genuenaz? Ba, hemen dugu eskuartean bizirik oraindino. Zerbait kutsatzekotan, bizigura kutsatzen digute Aselen ele zahar eta berriek. Horitutako poemak biltzeko eta argitaratzeko ausardia edo inkontzientzia behar dira. Bietatik bat. Eta liburu honetan bi Asel horiek azaltzen zaizkigu batean: ausart inkontziente bat, eta inkontziente ausart bat. Berdin du zein den motiboaren detonantea, nolanahi ere, urgentziazkoak izaten segitzen dute Aselen poemek. Hemen isiltzen dira lagunarentzako berbak eta hasten dira benetako hitzak. Inoiz ez da jakiten noiz hasiko diren izan ginenaren mamuak argia bilatzen. Zelatatu ditzagun, beraz, Aselen iraganeko mamuak. … ETA AURRERAPENA Pisu bat dago Aselen betileetan lurrinezko lainoan askatasun esneaz bere ametsetako erreinura garamatzana. Eguzkiak minik eman ez eta elurrezko hegalak dantzan. Oihuaren sokak apurturik balearen irria ezpainetan ortzia askoz zabalagoa da. Onddo pozoitsuez oinak buztinean bidea margotuz: inoiz nire aterpe hontara bazentoz zatoz apaingarririk gabe. Hildako putzuetan mila labana arrotz sartu dizkigute lepoan, eta harriek negarrez ulertu dituzte haizeak daramazkien keen ipuinak. Esku hutsez kristalak hautsi eta bihotza aterako diot bihotzik gabeko lur honi. Malenkoniaz beteta jaisterakoan guk, herritarrok, desberdinok, bereziok lipar bakar batez kiskaldu dugu inozentzia. Euria doa zerura nire sorotik eta kanpaiek jo dute autobus zuriak belzten direnean. Mailua ez bada egia Zergatik mundu honetan ez dut nik agintzen? paperen burezurrak oka egiten dituztelako. Zertarako idatzi, isiltasuna eskatzen duenean ederra miresteak? Izotz beltz bihurtzeko denbora hilko dut akelarre berrietan murgiltzen garenean. Zergatik hiltzen dira ametsak nahiaren eta etsipenaren labirintoetan? Tristeziarik gabeko orgasmorik ez dagoen bezala, Kristal garden eta hauskor baten antzera lurrunduko da egia. Egunari azken odol tantak legez atera begietatik zure amuak. Itsasoan bideak desagertzen direla ke urdinak esan zidan margo ugariren argitan. Ipuin erbesteratuetan haizea jaten du elurraren urtzaro beroetan ahanzturaren gauak, eta burdin hotzaz txoriak aldentzen dira geroaren gezurra ez dutelako haiek asmatu. Iraungipen data jarri eta paradisu amesgaiztokoa zabaldu zenidan. Mozorroa erantziko diogu arima saltzaileari udaberri berriak ekarriz maitasuna maite nuela asmatzeko. Ezerezaren aldarea ez da gurea eta espaloiaren mihi luzea sentitzen dut orain eta hemen. Ez ezazu hodei eta olatuetan kaiolarik ikusi. Pisu berri bat dago Aselen betileetan. Iratzar ezazu, arren, izorra dadila. A.S. I – 1994-1998 (7) Marraua Marraua, izaki laua. Mozorro barroko, barruko oihartzun. Azala soila estali, marrauz beste larrua ipini, eta berdinean segi. Saiatu izaten beste izaki, molde berean ilargia eguzki. Lurrinezko lainoan burua sartu eta usaina aldatu ez dela aurkitu. Marraua aurpegiz mozorrotuta, nor zer den ahaztuta. Zelan ostendu ortzia itsaso sakonean horrek haren aurpegia islatzen badu azkenean? Marrau-larrua mozorro-azala ahalegin handiak, alferrik dena. (1994-2-11) (9) Iturriak Hordituko naiz zure hanka artean; hordituko naiz askatasun esneaz; hordituko naiz nire bakardadean, eta neu izango naiz nire azken unean. Edango dut, bai, zure irriaren eztia, eta guztiz mozkor galduko basoan; kurloiek dizkidate erakutsiko asetzen dituzten erreka guztiak. (10) Ziurtasuna dardaraka Bide zurian zehar zebilen, burua tente, bide argi zehaztugabean. Ortozik, biluzik, bake goxoan, arima arin, begiak amets, airean, hutsean, txori hegalari, urrats bat, bestea, lurra jo barik. Bake santua, santuagorik ezin, sentitu eta bizi bihotz-gogoan, entzuna baitzeukan, eta sinetsita, bera lakoentzat, giza zintzoentzat, atsedena baino egongo ez zela. Zelakoa izango zen haren aurpegia? zelakoak haren gortekoak? Zer idoroko zuen hango lurretan? Artean lotuko al zitzaion asago? Gorantz zihoan, zalantzarik gabe, zalantzazko une batez nekea oinetan sumatu baitzuen. Orduan ernatu, bat-batean ernatu, zomorro erraldoi baten aurrean; haren itxura ikaragarriaz eta gaueko belztasunaz, bidea ixten zion, eta ezin igaro bere ametsetako erreinura. “Nor zara eta zer da gura duzuna?” itaundu zion izu bizian. “Hemengo atezaina, nor uste huen, ba?” Ta bestea bertan jausi zen behera. Han bukatu zen haren heriotza, heriotzean hilda, lehen gorputza, arima orain, atean datzala: aurretik inork ez zion esan Zeruan mozorro-jaia zegoela. (11) Zisne zuriak Han daude; politak, lirainak, gozoak, ur azalean, uhinik sortu gabe, luma zurietan argia islatuz. Batek bere sama luzatu egin du, zein luze eta fina den erakusteko; besteak begiak eztiki itxi ditu, lotsati, indarge, eguzkiak minik eman ez diezaion. Leihotik dakuskit, jostari, alai, elurrezko hegalak dantzan, elkarri bularra laztan. So egin didate, jostaketa eten, betileak jaitsiz alde egin dute. (14) Barru-mugak Kimeraren lumak eroan ditu haizeak; hegalezko kajoian giltzaperatuta haizearen haziak hil dira. Eta ihesari emateko sartu gara kaiolan, zeina zabalik baitago, hesirik ez baitauka. Oihuaren sokak apurturik, ixiltasuna dantzugu ozen; minik eman ez diezagun, kanpoko bero-ametsei so, hutsez betetako barrua osten. Airezko etxe bizi gara, basatzazko errekan zutabea, balearen irria ezpainetan, ez diren ateak itxita. (15) Tartalo ala Odei Zohizko basoetan Tartaloak, begi-bakar, erdi-itxita; ikusmen osoa ukatuta bizi gara, nik ez dut nahi. Ortzia askoz zabalagoa da; margo anitz egunsentian Odei dabil dantzan haizetan. Eta Odei gurago nuke, Tartalok ez bezala, kupel bakarra, ardo mina utzi eta hartu ura han-hemenka, haran, mendi, basoetan isuri eta edan ostera itsaso eta ibai. (16) Beste bat Itzali zaio argia, ahotsa ito da, zenbat eta ozenago gutxiago entzuna. Zer da gelditu dena, zer utzi diguna? Eta nori axola hegan joan bada? Onddoak hil ei zuen onddo pozoitsuak. Hau da itsutasuna, ikus-nahi eza. Ezetz! ezetz diot, ezetz. Ezetz! Bihotz gurutzatuak, beso entzun-gorrak; budinaren irriak, porlanaren agurrak; bildotsaren txaloak, saldoen oihuak; umeen gaixotasunak, zaharren osasunak... Gure garun lehorrak dira errudunak, xagu ase-ezinaz datza hilobian. (Kurt Cobain ez da bakarrik egongo) (18) Aurrera bidean Besoak lurretik arrastaka, atzazalak harriari helduta, burua jasota sabaiaren kontra... gizonak aurrera daroatza. Gezalazko ezpainak irria marrazten, oinak buztinean bidea margotu pasillotik biraka amaierarik gabe, alboko ateak hertsi egin zaizkie. Burusoilean beltza islatuta, inon argirik ez dagoela bihotzeko printzagatik ez balitz: gizonaren bizi nahia. (19) Kanpotik at Morkotsetik idazten dizut, bihotza bera morkots, zer esanik ez daukadala, ez indarrik irteteko. Inoiz nire aterpe hontara bazentoz zatoz apaingarririk gabe, babesten nauten arantza finetan lotuta gera ez daitezen. Zer gertatuko agertu ezean? Hemen naiz geratuko, morkotsaren arantza orok ez badu jausi behar. (22) Buru mugatua Barre egin nuen ezer ulertu barik, haren handitasunak begiak itsuturik. Zer bilatu nuen barre lelo hartan? Txoriaren hegalak bertan ebaki nahian nire laino gainetik ibil ez zedin, lurraren barnean sartu nuen burua, eta bera sendotu ito nintzen heinean. (23) Ahulezia Gizaldi eta gizaldietan zirauen, tente, gogor, tinko, ziur; itsas-uhinek bortizki jo eta kolpatu haren bihotza, ostera atzera egiteko, erreinu busti ilunera. Gizaldi eta gizaldietan zirauen, tente, gogor, tinko, ziur; euriteak zakarki jo eta eraso haren bihotza, lurrean bukatzeko hildako putzuetan. Gizaldi eta gizaldietan zirauen, tente, gogor, tinko, ziur; kazkabarrak amorruz jo eta zigortu haren bihotza, ezer ezean lotzeko haren oinetara urtuta. Eta txepetxa negarrez malkoaz ahaztu airean, eta barrenera laban, laztan; makur, bigun, dardaraka, apal, puskatu egin zen haren bihotza. (24) Amandreak Atsoa dago, dena zimur, dena min, negar batean, negar gazi batean. Begiak itxita, bihotza itxiago, belarriak ezin itxi direla. "Ez naute ezagutzen, ez ditut ezagutzen" dio marmarrean. Eta bilobak pasa, Barrenkaletik pasa..., bihotz erditik pasa, jaramonik ez. "Noiztik, dagoeneko ahantzi naiz noiztik, baina antzinatik izan behar". Beste atso bat dago, sukar eta dardar, ibai luze bat haren negarra. Lehenari entzunda begiratu dio. "Saminagoa nire mina, ostendu nire opari ederra eta mila labana arrotz sartu didate lepoan". Eta bilobak pasa, Goiko kaletik pasa..., buru gainetik pasa, barrea baino ez. "Noiztik, oraindino gogoratzen naiz ondo haien aita-amen laztanekin". Hirugarren atso bat dago, are zaharrago, negarren hatzak ildo lehorrak. Eta hitzik ez du egin, bere bihotzak gehiegi ikusi du, gehiegitan jaramon egiten dioten bilobak borroka bizian, nork maiteago ote, eta ezpata arrotzen arabera erabiltzen. "Noiztik, betidanik". Eta bata Pagasarrin, Betrokolon bestea, Aralarren hirugarrena, mutu lotu dira jesarrita. Eta harriek negarrez ulertu dute: "Mendiek ere aspaldi ez dituzte aditzen haizeak daramazkien keen ipuinak". (25) Mina aldarrikatzen Esku hutsez kristalak, kristal puskatuak, hartu ditut sarritan, eta hartuko berriro ere. Ez al dira gozoak haien eztenkadak, odol epela sumatzea azal urratzaile? Zer arrazoi bestela aurkituko genuke arrosa bilatzeko arantza artean? Ez da haren ederra eskutan hartzea, ezpada bizi garela ziurtatze hutsa, bihotzari kiskaltzen uzten diogunean igartzen diogu bere gogortasuna. Horregatik badakit edabearen pozoia gustura hartuko dudana eskaintzen zaidanean. (26) Biziko banaiz Ez, ez ditut nahi zure hitz zuriak. Ez, ez hodeirik gabeko zerurik. Ez, itsasoa barea dela badiostate betiko alde egingo dut nik. Eta bidean lupetzarik idorotzerik ez badago, sator bilakaturik zulatzeari emanda, bihotza aterako diot bihotzik gabeko Lur honi. (27) Ez da maitasunezkoa Aurrean haukadala, zain, distiratsu, ez dinat esango maiteen haudanik. Gaur ez. Ez dun entzungo ederrena haizenik, ez nire ezpainetatik behintzat. Gaur ez. Ez dinat aitatuko hire urrezko ilea, itsutzen nauena eguzkiaren indarraz; ez dun holakoa. Ez ditinat aitatuko hire ahoko perlak, ondo nakaratuak, hire marrubi hezea, birjina batena, gorriaren gorria, orbanik gabea... Holakoak ez ditun. Ez dinat esango ispiluak direnik, erreka garbi baten ura daroatzanak, hire begitxoak, ez goibeltzen nautenik hire betileek, malenkoniaz beteta jaisterakoan... Ez dun-eta hola. Ez espero entzutea hire masailtxoek sagar lotsatuak ematen dutenik, ez hire azala Venusen estatua baten haitzurdin zuri garbizkoa denik. Gaur ez. Ez dinat aitortuko hire bulartxoa ezti goxoa denik, bai droga indartsua. Ez didan sinetsiko hire gerritxoan setazko zinta batek bost buelta emango lukeenik, ezpada nire mihia, biraka hastekotan, azala urtu arte ibiliko dela. Zertarako aipatu zangoak eta oinak bilatzen dudana bidean lotu bazait. Gaur ez. Ni gaur etorri naun, lotsa galdurik, lizunkeriaren egia aldarrikatzen. Beraz busti ezpainak, ez lehen aipatuak, orain bila datorkinana zakila baita, ta hoa ahazten maitasunezko berbak, gaurkoz baino ez bada ere. (28) Garena galduta Hemen gaude gu, herria. Herrien artean herririk herriena. Desberdina. Hemen gaude gu, desberdinok. Desberdinen artean desberdinik desberdinenak. Bereziak. Desberdinak eta bereziak, herritarrak. Eta inork itauntzekotan zertan datzan gure herritartasuna, desberdin eta berezi izatean, erantzungo, guk, herritarrok. Eta zertan garen desberdin itauntzekotan, azkar erantzungo, “gauza guztietan”, guk, herritarrok. Adibide bat eskatuko digute, besteek; guk, jakinduriaz, “aipatu nahi duzuna”. “Sukaldaritza”, eurek botako berehala. “Zeharo desberdina”, guk, herritarrok. Besteek setati, “ohiturak”. Asperen eginda guk, “ezin bereziagoak”. Eurek esetsiko, dantzak aipatuta; “ikusi beharko -guk- zein berdingabeak”. Hala ere, burugogor, “eta nortasuna?”. “Desberdina izango da, hala izan behar”. Joango dira etsita, pozik bitartean, gu, herritarrok. Desberdinok. Bereziok. Helduko da eguna, ohartuko gara desberdinak izanez ahaztu dugula benetan zer garen, zein etorkizuna; gauza bat besterik ez zaigu lotuko: desberdintasuna. (29) Arlotea Adiezintasunezko txapelean ileko hautsa, joandako denborazko berokian hezur-kexa, ahaztutako mozkorraldiak pana zaharrean, parkean jesarri da. Ez dazagu garai hoberik, ez etxearen beharrik, bakartasuna maitale, orduak kaiola bakar. Haren ondasun guztia ogi batean datza; bere altxor bakarra, poltsa batean gordea. Ez ogi osoa, ordea; puzka batzuk usoak jaten ikusterakoan, jakin du zergatik bizi, zergatik daroan gorputza bankuz banku. Zeren lipar batez, lipar bakar batez, irria etorri zaio ezpain isilduetara. Eta badoa... (30) Golkoan ihesi Segundo batez haize lizun batek begiak, arimaren zauriak, eroan dizkit zerura; kiskaldu da inozentzia, ito borondatea. Nagi, harrapaturik, ziztada bero bila etzan da osatu guran. Uxterturik, gogorturik, laztanak giltzaperaturik, zelan biziko naiz labean hertsiriko argizari? Jakiterik, behintzat, bazenu... (31) Berpizteko garaia Itaunduko didazu zergatik altxatu den hilobitik nire soroaren arima eta zergatik doan euria zerura nire sorotik, loa lapurtu diona atzeman nahian. Itaunduko dizut nik zergatik etorri diren hodeiak, puñalak haren bidean; zergatik den abaroa arrantzarako sarea. Badaukat nik erantzuna: agertu da udaberria tximeletek ostenduta. Orain eman zurea, azaltzerik balego. (32) Hiritarturik Kanpaiek jo dute, jo dituzte, jo eta ke; edo nire burua baino ez da horretan diharduena. Ortzian sartzen den orratza, kanpandorreko gurutzea; zainak zabalduz, buruak lapurtuz. Eta neskatxak, hara begira, irribarre egin du, bizia gona barruan. Irribarre egin du hiria ikusterakoan: kanpandorrea, harrizko hotsak..., harriak buruetan daudelako autobus zuriak belzten direnean, ardoa errekin bihurtu denean; burdinazko marruak, hiritar bakarrak ehizan; inork ez dakuskien triklopeen begiak, banaka zabaltzen direnak; mundua iraintzen duten etxeak, leihoak, zuriak direla sinistu behar den hormak. Irribarre egin du neskatxak hiriaren azken eztanda ikustean. Arrazoi osoz; kanpaiak itotzean kutsatu eta zoratu egin zaio. (33) Morroi alaiari Begira, ostadarra, begira nahi duzun beste; ez duzu ikusiko atzean ostendu den odola; bandera-egia den odola, larretik irten duen odola. Zergatik ez dituzu begiak irekitzen, haragiaren laztanen bila bazabiltza? Ala borreroaren gerizak, aizkora utzi eta igitaia hartuta, estali dizu arima? Mailua ez da egia, jo eta burua apurtu arren. Habiatik jausitako txorikume, bihotza duzu gose. Amata buruerruki eta basatzazko sumendi lizunak, kantu eta negarrezko mila itsasoz. Ala alferrik da dena eta isilduko naiz, zure hustasunean lotu zaitezen. (34) Senak eroanda Gaur izan gura dut umeek baino ez dakusaten izarra; eskuan eduki argiaren usain gorriaren bila dabiltzan arimaren itzalak. Zergatik mundu honetan ez dut nik agintzen? bihotzak neurtzen dituzten balantzak apurtzeko; tximeletaren hegalaldi hordiak askatzeko; haize horizko gurpilak zulatzeko. Agintari ona nintzateke; Unibertsoaren arima errukarria haragiaren desirara gidatuko; agintariaren gorputza zilbor zuri biluzien azokan salgai egongo da egunero. Agintari ona eta ahaztua, menpeko guztien onerako, txindurri itsuen atsedenerako. Agintaria, bere buruaren jabe izateko ere gauza ez dena. (35) Eta gu..., eta hurrengoak? Ezin begiratu inora begiak zulatuta berunezko mila tantaz. Zuloetatik argiak, garretan, kiskaltzen du arnasa. Pozoia bere etxea eginda, nagusien oparia. Eta odolaren oihuak ezin inora igo, zainek bihotzera paperen burezurrak oka egiten dituztelako; nekaturik, bizia ukaturik, lehortzea dute amets bakarra. Azala zurbildu da, ureztapena etenda; ileak ez dauka zeri eutsi, bai non etzan, poroei plutoniozko satsa dariela. Oka egin, zainen antzera; oka egin, dena kanpora. Oka egin, ez dauka beste egiterik. Alferrik. Aspaldian ikasi zuen geneak oka egitea ezinezkoa dela. Eta itauntzen dio bere buruari zer haur mota jaioko den bere nagusien onespenez. (36) Mirespen isila Alferrik esango diozu arrosari lorerik eder eta usaintsuena dena; ez dizu esker onik azalduko. Eta arrazoia, arrazoi bortitza dauka arrosak. Berbak hutsalak dira. Zertarako idatzi, zertarako ahalegindu hitzen bila; formak, gorputzak, azala, borobila, ezin atzemango dituzu hain gauza makalez. Isiltasuna eskatzen du ederra miresteak. Ahotsak, ezpainen mugimendu traketsek, galarazten digute plazerik gozoena. Erbesteratuko ditut nire olerkiak; espetxeratu inspirazioa; mutu bihotza. Ezgauza da guztia hondartza eme honekin inolaz parekatzeko. Bihurtuko naiz begi, edo azal hutsa, forma bigun hauei betiko atxikita. Ahaztuko naiz hizkuntzaz eta izerdi izango naiz; neskaren ugatz biluzien tontorretik sabeleko haranera hiltzera doan erreka. (37) Burua lurrean dagoenean Pentsamendu beltza dakart zure irri beltzarentzako. Beltza, estaltzeko krabelinaren zuri hilgarria; beltza erbesteratzeko musu laban hotz hustua. Musika beltza ere belarrietan, sustraietako soinu arinak bihotzean hiltzeko; bihotza bera ere izotz beltz bihurtzeko. Hola dago nire arima, hego zuri arinak ebakita, kate beltz astunei lotuta. Gaur nire begietan ez bilatu zure ezpain zurien isla. (39) Agur, nire txoria Hegoak ebaki banizkio neria izango zen, dio kantuak. Eta neuk ere txoria dut maite. Horregatik txoriaren hegalaldia nire malko gaziekin nahasterakoan zoriontsua naiz nire tristezian. Ez dizkizut hegoak ebakiko, ez, baina Urruntasun jainkoaren hirira abiatuta, haren morroia den Denbora hilko dut, bien barre krudela isilaraziko badut. Ez dago orain lekurik laztanentzako, bai ekintza bortitzentzako. Maitasuna ukatuta baina bizirik, haragia besterik ez dut bilatuko, izerdiz odola garbitzeko. Txoria aske ikusita, zoriontsua izatera bultzatuta, gorrotatuko dut nire arima garaitua. Loturak etengo dira, horretarako bihotzak hil behar badu ere, inoiz, ez dakit noiz, berpizteko eta eskertzeko txori askeari garai labur batez bere gogoaren zati txiki bat izan nendin utzi zidan unea. Beti aurkituko duzu habia nire bihotzean, behar ez baduzu ere. (40) Garaien aurrean Kixmitarrok, hasi zatzaizkidate neurea kentzen eta kixmitartu egin nauzue. Onar dezagun, hori da gure menpekotasunaren oinarria, geure egin duguna. Baina hala ere Aker eta Gauko ez ditugu ahaztu. Mari dugu gogoan geurea azaltzen dugunean akelarre berrietan murgiltzen garenean, zazpi kaleetan edo beste edozein herritako mozkorgunean. Agian Kixmi bera ere daroagu geurekin balantzaka. Ala gure garaia amaitu ote da, benetan, argia ikusterakoan, Jentilarripera joaterakoan. Baina gureak egin badu ere, ez dugu Kixmi gorrotatu behar, euri gorri kantarian beraren eta gure begiak bat egiten dute-eta. Itxaropen berrizko tanta ardotsuetan ostera jaioko gara, antzina legez etsaien armak geure aldeko indar bilakatuz. Edo agian ez, edo batek daki... (41) Beharraren deia Garrasi egin nuen kanpora eta nire hitzak euren esanahiaz hustuta, besterik ez nuen jaso. Eta zentzutasunaren tolesturetan garrasi egiteko zioa bera ostendu zen, argia antzinako udazkenaren usaina duten uretan itota hil balitz bezala. Zergatik garrasia? Zergatik hiltzen dira ametsak laztan hilgarrien ezinezko bilaketa batean? Garrasi egingo dut, kanpora berriro ere, inolako esanahirik idoro ez badut ere. (42) Nahiaren menpe Bisilabo maitea irain bilakatua, nire ideia bustien ama, ezti ilun debekatua. Itsatsitako sua edango dut, erantzitako gogoa piztuko; arima zure barnean urtu, ahulezian dut indarra. Zentzuak iratzartzen dituen ardoan uger-musu dardarati goxo batez galduko naiz gorputz-adar guztiak nekatu artean. Zeu zaitut argi bakarra nahiaren mundu beltzean. Ur emea, haragi hezea, bisilabo maitea. (43) Saskarren iheslaria Urdina armarrian. Ugerra ezpatan. Amarauna hilobian. Guda berea ez zuelako, guda inorena ez zelako. Ihintzaren goiza, belar ebakiaren eguna. Epeltasuna ortzian, berotasuna azalean, ostendu ez diren laztanetan. Mendi lizunak, ibarrean azunak, sustrai hezeak, herri emea. Nagiak atera berriak larruaren egunsentian barruak larru eskatzen, izerdiak izerdi, basoaren soinu krudelak ito dira itsasoaren errai ilunetan. Busti egin zara. Busti egin duzu. Lore bustietan eztiak preso egin zaitu. Noiz arte biraka goroldiozko ohean? Trumoiaren deiak apurtu du amets sorginduaren dantza; goxoa garraztu da ibaia lehortuta. Urdina armarrian. Ugerra ezpatan. Amarauna hilobian. Guda berea ez zuelako, guda inorena ez zelako. Odolaren ilunabarra, su biziaren arratsa. Hotza ortzian, izotza azalean, eman ez diren kolpeetan. Arma lizunak, arau astunak, buru lehorrak, giza-mundua. Ustekabeko ibilaldian haizea doa bide ahaztuak marrazten. Tximeletaren hego biziak dantzan berriz ere, laztankor zer laztandu gabe. Hodei sotilak nahastu dira basatza eta errautsetan. Lastoa garren jana, malkoak ur bakarra zure begi gorrietan, ezetza zure bihotzean. Urdina armarrian. Ugerra ezpatan. Amarauna hilobian. Guda berea ez zuelako, guda inorena ez zelako. Elurraren ilunaldea, arima argien gaua. Ez ortzirik, ez azalik itzali diren beldurretan. Mamu lizunak, hilotz hiztunak, hezur hustuak, hilerri antzua. Lurraren izaren azpitik irtenda hildakoen kantua hegan doa. Goian izarren uholdean ametsek habia egin dute. Herioren erresumari uko, esne atsegingarrian etzanda, aharrantza gorrak atzean utzita sasietan murgildu zara. Haragituko da jolasa ordu margulak hiltzerakoan. Urdina armarrian. Ugerra ezpatan. Amarauna hilobian. (44) Goibeltasunari Gaur barrurantz ireki ditut begiak, eta han aurkitu zaitut. Betiko legez, bertan zaude. Oraindino bilatzen nauzu itsaso apurtutako ostadarretan. Oraindino bilatzen nauzu gau nabarretako ortzietan. Oraindino bilatzen nauzu etsipenaren labirintoetan. Oraindino bilatzen nauzu ukatu dizkidaten bihotzetan. Oraindino bilatzen nauzu arantzaren besarkada estuan, pinpilinpauxaren amaraunean. Oraindino alferrik bilatzen nauzu. Baina ez dizut sekretua esango. Ez dizut esango aspaldian zure espetxe bihurtu nintzela, betiko niganako bideak itxita dauzkazula. (46) Zentzu gabeak Behar dut sentipenik gabeko egun bat, hutsa bihotzean hautsa buruan. Holako egunetan azala da ulertzen duena; odol beltza saltoka ipintzen duen akorde hard-corea bezalakoa, gitarra punk, zikin eta pozoitsua bezalakoa, zoriontasun hordia eztarrian ipinita; airean atzamarrak eta zure ezpainak margotzen dira irudi lohiak zentzua ematen barregurari. Baina non dago hutsa zure titiak begitantzen zaizkidanean? Arratsalde ilunaren hankartean ote? Ez dago, ez, sentipen gabeko egunik, mingostasun gabeko ardo alairik ez dagoen bezala, tristeziarik gabeko orgasmorik ez dagoen bezala. Alferrik ahalegintzen zarete, beraz, nire bihotza husten, zure zuloak betetzen alferrik ahaleginduko naizen bezala. (47) Urrun Gaur urrun nago setati oinetan presioa igarrarazten didan lur honetatik. Urrun zakil berekoiak desiratzera bultzatzen nauen neskengandik, gorputz eta gogo guztiak neureganatzeko eskatzen didan haragitik. Urrun ezpain etoietatik irteten duten soinuetatik. Eta urrun honetan urrunago joan nahi dut. Asago. Lagunen begiek krudelki eta oztopo gabe zeharkatzen naute, kristal garden eta hauskor baten antzera, nigan gogorra dena irainduz, nire izatea puskatuz; eta urruntzen naiz, urruntzen naute, lagun izateak esan nahi duen guztitik. Urrun honetan ez dago, ez daukat ezertarako lekurik, ez neure buruarentzako ere. (48) Ilundu du Porton Egia da itsasoak irentsi egin duela? Egia ote da nire oinek Porto zapaltzen zutela ostendu denean? Zeharka nazan egia lanbrotsuak eguzki izpiak zubien burdinak zeharkatzen dituen legez, Douro honen distira metalikoetan kiribilduz, kale estuetatik gora eta behera horma horiak zipriztinduz. Hala ere lurrunduko da egia eta ez da izango Porton eguzkiaren heriotza ikusi dudan esaterik, nire arimaren zati nekatu artean bilatu ezean. Unea hil da parkean betiko. (49) Kalatxoriaren hegala Zer bilatzen dute kalatxoriek Portoren hezur grisetan? Ez dakit, uholdeka argiaren hondakinetarantz joaten ikusi besterik ez dut egiten, egunari azken odol tantak, goseti, atera nahi balizkiote bezala, edo Dourotik zilar gorritua ostu, euren lumetan ezkutatzeko. Zelan ausartzen dira mamu beltz horren arima gardenean euren aurpegien islari begiratzera? Esadazu zuk, atera nazazu lilura honetatik. (50) Gorputzaren gezurrezko aginduak Neska, zer bilatzen duzu zure ugatzen amuak begietan sartzen dizkidazunean? Emadazu baso bat ezti garden nire elur bero tanta bakoitzagatik, eskatu gabeko nire begien odolagatik. Edo uka iezadazu bizia nik ordaindu behar baditut zure lotsa kontraesankorrak. Zure lorearen haginkadak nire burmuinen jabeagan sentitu nahiak soinaren jantzien gezurrak baino erretzenago nau, gizakien ikur zalantzazkoa, adimena, kiskaltzenago dit ilargiaren maitasunezko aginduak baino. Zure alu-bizarretan bizioaren iturri bilaka ezin banadi, atera begietatik zure amuak edo atera iezazkidazu begiak eurak eri jostari horiekin. (51) Edozein klase-egun Erlojuak erandako minutu jaioberrien pisua betazaletatik eskegita, tinta idorturik, odol ameslaria legez, hauts zuriaren dantza zoro gogaikarria harrapatzeaz ahaztu gara. Adimenaren hesiak, hitz handien itzalak urturik, askatzen gaitu harlauzazko oihartzunetan oina, buru lokartuaz batera, ipintzerakoan. Sabaia goian egon liteke, hormak hertsiak izan, hotza sentipenetaraino, baina gogoaren ihesaldia harago iristen da, metodo zuzentzaileak, asperrez lotutako bide luzeak, ikaskuntzaren gezurra betiko finkatu nahi izan arren. Itsasoan bideak desagertzen dira Bidaiariak aurrera egin ahala... (52) Galdutakoak Itaundu nion txiriboginari bihotza galdu nuenetz hango barran, baina argiak gogorarazi zidan gau gorri hartako telefono deian idortu zitzaidana. Itaundu nion txiriboginari burua galdu nuenetz hango jangelan, eta ispiluak orduan gogora ekarri orri laukituetan arrazoien bila betiko joan zitzaidana. Itaundu nion txiriboginari sena galdu nuenetz hango irolean, ke urdinak esan zidanean basurde beltza ikusi zuela betiko oihanetara eroaten. Itaundu nion txiriboginari lotsa galdu nuenetz mahai hezeetan, baina karminak aitortu marrubi ireki berrien haginkadak goxo eran zidala. Itaundu nion aireari, azkenik, ezer galdu nuenetz txiriboga hartan, eta txiriboginak erantzun, irria ostendurik, urteak, dirua, gibela, mahatsen arimaz agortu nituela trago txikitan. (53) Askapena Ixilean, oharkabean, iritsi da bihotz-ixuriaren askapen eguna. Hartuko ditut zure gogoetak eta horman iltzatuko tximeleta idortuen antzera, eta zure izterren azalaren ukiak balsa joko du, gogoetok dantza egin dezaten euren hegal lehortuez. Margo ugaritan argiak zeharkatuko ditu hegalen margo ugariak, bals horren bemolen ahogozoa hormen zurian itxuratuko, eta unearen jabe izango gara, errege-erreginak margozko gogoeta hilen erresuman. Orain ezin entzun zure buruko ahotsa, buru hustuta zaitudalako, betetzen zizuna iltzetan eskegita, idortuta, edertasun hila, izugarri beldurgarria, eraniko bilduma guztien erdiragarria; eta zer axola. Orain barrunbea dantzugu ondo, gogo biluzia. Eta ez dugu besterik behar, ez beharko. (54) Aldendurik Zure beldurren gezurrek jada ezin zauri nazakete, eta badakizu, biraoak esan, eta hamaika mamu duzu asmatzen, nire poltsikoen zuloetan gaulaneko ametsik al dagoen zelatatzeko. Baina urrats bi, hamar bizitza berandu zabiltza, ibili, bere labirintoan hertsiriko itxurakeria zaharra bezala. Behin lortu dut aurrea hartzea eta ez dago atzerakorik, leiarrezko jauregien eta paperezko aginduen zure ipuin erbesteratuetan ondo ikasi nuenez, mina jan eta barrea tuka egitearen poderioz. Urrundik zakuskit, eta dagoeneko ez zara mozkorraldi ilun baten ameskeria lausotua baino. Edo horren usaina agian. (55) Inbasioa Magurioak hazi eta hazi, gainezka, ugaldu, buruaren barnealdean. Magurioak dira hausnartzen dutenak, magurioen lerdea argitzen duena, eta itzala handitzen da adimenaren honako aldean, borobil egin, geldoa, hezea; magurioa bera, begiak kanpora. Magurioak ostera, hazi eta hazi, gudaloztea. Distira, lerdea, ugaldu maskorrak, bihurtu, gurpildu, garunak eta odola. Haizea jaten du magurio ederrak. Begiak kanpora, etxea lepora, magurioak badoaz, erasora, aurrera, nire buruaren b arrualdean. (57) Loretan Goiz bihurgunetsuon lorearen banatzean murgildurik, usain berrietan urtuko naiz odol beroak gogorturik. Gantzutuko dut gogo gorria, lore-orri gorri minak neure hizkuntza bihurturik, berba-jario busti amaigabean, zure goizeko ihintz-tanta labainak egarria berdinduz, ibaiak askatuz; elurraren urtzaro beroetan lore iratzartua bizi berrira eroango da zabalik itxarondako korronte laztankorra edateko, nire nekeak bustirik. Orain utzidazu loak hartzen zure arnasaren urrumetan, ekarririko zure bake berrian, ene urruneko lore maitea. (58) Mila bider hildako zure hitzak itzultzen dizkidate hormek, beldurrak baino hutsago, hain alferrik zelan hurrengo mozkorraren ukatzea. Zelan hornitu ahanzturaren gauak huts egin gabe eranzten duen iragan-mina? (1998-2-28) II – 2005-2013 (61) Gura dut Euskal Hiria Euskal Hiriarekin amets egiten dut. Entzun nizun behin, baserriaren aurrean. Neuk ere Euskal Hiria nahi dut. Euskal Hiri handia, hiri irekia. Euskal Hirian inork ez dizu izengabetasuna leporatzen. Grisa, nabarra, beste kolorerik ez, azal bakarra. Sutondorik behar ez, ilunaren beldurrik ez, plastikozko mila izarrek gauaren egiten zaituzte jabe. Euskal Hirian ohe bat espaloi, zubipe, kalezulo, zakarrontzi bakoitzean; maindire bat kartoi, egunkari, hondakin bakoitzean. Euskal Hirian iraganik ez, nori axola zure etorkizunak. Marmarrik ez, kuxkuxeatzeko duzu telebista-saioa. Amets egiten dut Euskal Hiri horrekin, euskal izango bada zaldia, barrautsa, berakatza izango baita nire irribarrea. Putek ere euskaraz jango didate bakardadea, ahoa beteta hizkuntza unibertsalaz. Euskal Hirian ikasiko dut kale zarpail horiek saihesten, hiriaren beste soineko distiratsuan nire zoriona babesten. Euskal Hirian oinak ez dira inoiz nekatzen, desioak gurpilak ditu, hiri-dendetan dira erotzen. Neuk ere amets egiten dut hiriko zuhaitzekin; neurrira arnasa eskaintzen, burdin hotzaz txoriak aldentzen, zirin erraldoi horretan zirin txikiez babesten gaituzten adar distirekin. Euskal Hiriari bihotza irekiz herriari diot itxi. (2005-1-12) (62) Egunak ez dira nireak Eta badoaz. Jaberik gabe, baimenik gabe, damurik gabe. Inoren zain geratu gabe. Joan doaz, eta ez doaz inora. Helmugarik ez, helbururik ez. Egunek ez dute etorkizunik. Geroaren gezurra ez dute haiek asmatu. Ahotsik gabe dioskute: no pass, no future. Egun, gaur baino ez. Baina joan… kabroiak badoaz! (63) Supermerkatuan Non daramate barra-kodea zure laztan zuriek? Zure musuek utzi al dute hildakorik botulismoak jota? Zenbat hizkuntzatan behar dute zure zizpuruen etiketek? Zer zenbaki sakatu behar dut zure agintzarien pisua neurtzeko? Non irakur dezaket zure maitasunaren iraungipen data? Bihotzaren taupadak gelditzen zaizkidanean zer koloretako ontzian bota behar dut? (64) Itolarriari Izarrak itsutzen dituzuen kale sobera argiztatuei, ikasi eta inoiz barneratu gabeko moralari, irribarre debaldeko zuriei, uniforme berdinzaleei, zure hodi burrunbarien monoxidozko bihotzari, bide zuzenetik oker garoatzaten zure konbentzio ez-konbentzigarriei, zure asfalto eta plastiko arteko paradisu amesgaiztokoari, zure ihesbidezko droga kartzeleroei, merkatal askatasun dogmatikoari, egunero irribarreak margotzen dizkigun zure grisari, zure zorion erosi, erosi, erosi, salduari, atzean utzi gaituen zure aurrerabide azkar motelgarriari, garena erakusten digun pantaila sortzaile-gortzaile, sorgortzaileari, tradiziozko traizio buruasegarriari, hezurretaraino sartzen diguzun presio asegaitzari, zure kultura-zabor garbi guztiari, bihotz-bihotzez eskerrik asko, mila esker. Esker mila zugan itota artista bilakatu, beste salbazio kondenaturik izan ez duten ahots horiengatik, arrastoan sartzerik izan ez duten sortzaile madarikatuengatik. (Yutaka Ozaki entzun eta labean berdela prestatu bitartean, vodka tanta batzuk edanda sentitutako leherketa txikia. Beste bat). (65) Zure euria Zure begitik eskegiko den malko matxinoa izango naiz, zure masailean behera irristatu ahala hazi eta ugaldu, euri bihurtuko dena. Gorputz osoa besarkatuz blaituko zaituen euri fina; xirimiria baino ez hasieran, zaparrada, uholdea bilakatzeko, arropa azalari atxikiz, laztan busti hotzetan zure muturtxo arrosak gotortuz, zure egia hezearekin nahastuz, bat eginez, zure egia hezea bera neu izan arte. (66) Neska lirain bortxatua Neska lirain hori, zure gorputz beltzaranean alderantzizko bidaia eskaini zenidana; zure zango luzeetan gora, zure belauneko gailurretik behera, haran arteko laku gardena eskaini zenien nire begi liluratuei, eskuzabal, ahalkerik gabe. Besoak goratuta, adats iluna nahastu, tontor paregabe elurtuak begientzako opari, zilborrean etzaten utzi eta paradisua zabaldu zenidan urtebetez horditzeko, zorionak zorabia nintzan. Neska lirain hori, ez zara zure buruaren jabe. Aske itxuraz eman zenidan amets haragizkoak jabea zeukan eta kateak ezkutatu zituen zure azal azpian. Jabe zitala, borrero doilorra, txakur zaindari koldarra, egiaren beldur zure altxorrak ukatu nahi dizkidana. Ez utzi bortxatzen, ez utzi gezurrari zure adorea otzantzen. Altxatu gorputz luze eta lirain hori, sabelean marichiweu tatuatu zuen leinu zaharraren jakinduria, kemena, sen matxinoa atera eta lot nazazu zure larruari, ez utzi urruntzen bihotzari taupada berria eman dion gerri kartsutik. Bion artean, zin degizut, mozorroa erantziko diogu egunero bortxatzen zaituen arima saltzaileari. (2010-1-19, Temukoko kartzelan) (67) 2+2 Dos más dos marca este tiempo en que dos intentamos ser uno. Dos latidos de dos mundos que en caricias y susurros, en sueños, rejas y besos crearon su propio universo. Tú eres mi Latinoamérica, por ti bebo del sudor de los pueblos oprimidos, tú llevas en tus suspiros la llama que aún golpeado me hace sentirme invicto, orgulloso de vivir por descubrir los secretos que guarda esa vieja tierra bajo tu joven cuerpo. Si tantas veces quebrada, de tantas cadenas cargada se reinventa a sí misma trayendo nuevas primaveras por más que golpee el invierno, de tu mirada infinita, de cada efímera risa sacaré un nuevo parche para seguirte queriendo. Tú eres mi Latinoamérica, por los ecos de tu voz amo yo todos los vientos, en ti encuentro lo que busco, lo que ya llevaba dentro, las mil razas que son una, como los dos mundos nuestros. Dos más dos marca este tiempo, y tú, Vane, ya marcaste este hombre que te ofrezco. (2013-3-24) III – 2016-2020 (68) Ni bat asmatu nuen Ni bat asmatu nuen, bikaina, nahi nuen neurrikoa, onak zirela ikasi nuen dohainez jantzia, eta asmatu ez nuen niak bere bizi osorako lantzat hartu zuen asmatu nuen nia gezurrez gezur biluztea, suntsitzea, gezurtatzea. Maitasuna maite nuela asmatu nuen, maitatzen banekiela. Maite behar nituen pertsonak maite nituela asmatu nuen. Maitatzen banekiela, maite behar nituen pertsonak maite nituela sinistu nuen. Nire neurrirako maitasuna asmatu nuen, maite behar nituen pertsonen neurrikoa. Maitasuna nuen gustuko, bai, maitasuna, hitza bera, hitzari asmatu diogun esanahia, hitzak asmatu diogun esanahia badaukala sinetsita. Esanahi hori maite nuela barneratuta. Asmatu nuen niaren neurriko maitasuna zen hura. Eta maitasunak bere bizi osorako lantzat hartu zuen maitalez maitale bere esanahia biluztea, suntsitzea, gezurtatzea. Ni bat asmatu nuen, bizitzeko maitasuna besterik behar ez zuena. Eta orain maitasunaren esanahiaren bila nabil niak zelan bizi behar duen asmatuko badut. Ni berri bat asmatu beharko dut maitasunari esanahi berria aurkitu orduko. Edo porrota onartu, niak asmatzeari utzi, asmatu ez dudan nia izan, naizen ni bakarra izan, eta maitasuna libre utzi bere esanahiak bila ditzan, maitasunak libre izaten baino ez baitaki, asmatu ez dudan niak bezala. Bizi osoa emango diet euren burua biluzteko, suntsitzeko, gezurtatzeko. (2016-9-3) (69) Erdian Erdian jaio nintzen, ez goizegi ez berandu, garai lokartuan ez ikatz gori ez elur hormatu, buztin epel akaso. Erdian, beti erdian. ez gozo ez garratz, ahoan atsegin, gehienez, ez maitatuegia ez gorrotatua, estimatua sikiera. Gau-mahaiko argi motela, iluntasuna uxatzen dizuna, ametsak argitu barik, lerroei ozta-ozta jarraitzeko nahiko. Erdian, beti erdian. Ez akuilu ez galga, makulu badaezpadakoa. Jaio nintzen, bizi naiz, erdian, ezerezean. (70) Zure agintzaria gure ukoa, beharrean daudenen bideak mugatzeko askatasunaren berme; ez zauzkatenak ez dira, inoren eskuetan gotortzen zaituztenak haien eskuak badira ere. Eskubide mugatua mugagabean ezarria, jainko guztiak legez ezerezean hazia. Zure babesa gure ezina, gure izerdiak ospatzen duena, esku hutsik eta pozez. Gurtzen zaitugu, bai, zu, gure bortxatzaile kutuna; aldarea ere ez gurea, bai gaineko esku-erakutsiak. Magia orok du amarrua, ondo armatua zureak. Frantsesak aspaldi biluztu zintuen, baina errege hura lez soineko liluragarrian ikusten zaitugu oraindik. Liluratik itzarriz gero, beranduegi ez bada, aztiei esango diegu: ospa, danona donea. (71) Ez zaitut aurkitu Kalera atera naiz gaur zure bila eta espaloi bustiak oinen puntetan dabilen jendez gainezka ikusi ditut, aurpegi urdinak guardasol grisen azpian zugandik aterpetu nahian. Euritatik aterpetu naiz ni, lehen tabernan eta albiste etsiak ikusi ditut barratik bere buruaz beste egiten pintxo lerro ordenatuek arbuiatuta, eta haien artean ere ez zara egon. Gizon idor bati erreparatu diot, tabernako azken zuloan, argiaren eta begiraden etsai, haren eskuan txurro bat, txurroaren muturrean soldata eskegita tanta lodi ilunetan, norena ote soldata, gizonarena, txurroarena, zerbitzariarena, kalean geratzear dagoen langilearena, ez zurea, ez lansari tantetara makurtu ez den ideia iheskorrarena, ez kikara bat txokolatean igerian dakienarena. Poltsikoko hiru euroetan kaiolatuta atera naiz, atera naute, doako euripera. Higatuta dauzkat zolak nire zapatarik berrienetan eta espaloiaren mihi hezea sentitzen dut galtzerdiak miazkatzen; behatz lodia ezkerrean, juanikotea eskuinean, bereizkeriarik gabe. (72) Mendez mende men Men egin, otzana izan, esanekoa. Esandakoa bete, esan dizuten lez. Jehova, jainkoa, Ala ahalguztidunaren kontrako bekatu ororen iturria desobedientzia, jainkoaren beldur ez izatea, omen. Men egitea eta beldurra, binomio banaezina. Ona da menderatuok men egitea, omen. Mendekoak omentzen dituzte. Menderatuak mendez mende, mendekua amets, menturaz. Eta bitartean, men, amen, omen. Baina badauzkagu beste men batzuk: ikusmena, entzumena, ulermena, mintzamena, adimena, ekimena... Men egiteko eginak ez daudenak. Erabakimena, sormena. Gozamena gaiztoa omen, men ez egiteko deia. Geu izateko, orain eta hemen. (73) Musukoa Derrigorrezkoa ez zenean jarri nien musukoa musuei, eta orain, derrigorra denean, musuka jango nituzke hodeiak eta olatuak, izurdeak eta basurdeak, baita adreiluak eta eskudelak ere, musu gogorrari haginak zorrotz. Musuko barik, musu barik, musugorri, musik eskatu barik, baina, beharbada, seguru, hordagoka, karta barik ere. Seguru urrun nahi gaituztela musu seguru orotatik. Hordagoka beldurra txertatzeko zain. Ardorik gabe edango dut kopa hutsa eta kristalak mamurtuko ditut, haiek dira gozoenak. Irribarre egingo dut orduan, baina ez duzu ikusiko, musukoa jantzi dudalako begietan, hori ez baita derrigor. Eta berriro musukoa jartzeko agindua iristen denean hasiko naiz musuak oparitzen hodeiei eta olatuei, izurdeei eta basurdeei. Baina ez zaitez, arren, izan balkoi atzamarluzea, tximeleten, txibiriten, eta txipiroien musu askeek nazkatuta. Neu ere nazkatu nauzue, musu truk, eta hobe musukoa janzten badut. (74) Kaiola bizitza Badago bizitza bat gogoratzen ez dudana, badago bizitza bat kaiolarik ikusten ez nuena, badago bizitza bat kaiola ikusi nuena, badago bizitza bat kaiola barruan beste kaiola bat topatu nuena, ez dago bizitzarik kaiola orotatik at, denok ihesi ez bagoaz batera. (75) Pisu bat dago Pisu bat dago nire betileetan, ikusten uzten ez didana. Pisu bat dago nire iraganean, gelditzen uzten ez didana. Ez ditut pisatu nahi, baina pisatzen ditut pisu diren hitzak, promesak, arauak, haien pisukide diren ohiturak, usteak, marmarak. Pisu bat dago nire papilotetan, entzuten uzten ez didana. Pisu bat dago nire etorkizunean, pausua galarazten didana. Ez ditut pisatu nahi, baina pisatzen ditut pisu diren irriak, zirriak, laztanak, haien pisukide diren malkoak, listuak, azalak. Pisu bat dago nire azazkaletan, idazten uzten ez didana. Pisu bat dago une honetan pisatzerik ez dagoena. (76) Bertigoa Amildegiaren ertzetik begira, bakarrik, gerra honek utzitako bajak zenbatzen ditut atzamarrak eta behatzak agortu arte. Amets egiten ei genuen behin hil arte jarraituko genuela metaforak, hiperboleak, harriak amildegira botatzen, gora, beti gora, jakinik gure kontra itzuliko zirena bat, bi, hamaika, hogei, metafora, hiperbole, harri guztiak itzuli ere, geure buruaren kontra. Amildegiaren ertzean, bakarrik, bertigoa sentitzen dut, gauza berria, altxatzen den hormaren ertzeko belarrak begiztatu nahian. Bertigoa ala beldurra, neu ere amildegian gora jausiko ez ote naizen, goiko ertzetik ibiltzera ohitu eta metaforak, hiperboleak, harriak amildegira botatzen, behera, beti behera, zaletu naitekeen. Zerua apurtu nahi zuten gure metafora, hiperbole eta harriek duela ez hainbeste, eta bertigoa ematen dit pentsatzeak hodeiek eta izarrek leku bat egin ziezaguten baino ez ote zen antzerkia. Bourdieuren amildegiaren ertzean natza, bakarrik, haitzek eta olatuek elkar besarkatzen duten lerro horretan, gora so egitearen bertigoa menderatzeko indarrak biltzen, beste egun batez, jaurtitako metafora, hiperbole, harri euriaren zain, aterkirik gabe. Ikusten nauzue hortik goitik garai batean hemen behean nirekin egon zinetenok? Iritsi zaizue haraino inoiz amildegiaren ertz honetatik jaurtitako antitesi xumeren bat, sikiera. (2020-12-23)
booktegi.eus MARK TWAIN Tom Sawyerren abenturak (4) Itzulpena: Gillermo Etxeberria AURKIBIDEA AURKIBIDEA XXVIII. JOEREN GORDELEKUAN XXIX. HUCKELEBERRIK DOUGLAS ALARGUNAREN BIZIA SALBATZEN DU XXX. KOBAN GALDUTA XXXI. AURKITU ETA BERRIRO GALDU XXXII. HEMEN DAUDE, HEMEN DAUDE XXXIII. JOEREN ZORITXARRA XXXIV. ZER URRE PILAK! BUKAERA XXVIII. JOEREN GORDELEKUAN Gauerako bi mutilak prest zeuden abentura arriskutsu hartan parte hartzeko. Bederatziak arte taberna inguruan ibili ziren. Batek inguruak zainduaz, besteak taberna beraren sarrera. Ez zen mexikar haren antzekorik ez sartu, ez irten. Gaua argia zegoen eta beraz, ez zen hura izango aukerarako onena. Tom etxera joan zen. Bazekien iluntzen bazuen zeharo, Huckek “miau- ka” egingo ziola. Orduan bera joango zen giltzak frogatzera. Baina gau hura gero ere argia izan zen. Beraz, Huck ere lotara joan zen, bere betiko kupel azpira. Asteartean gauza bera gertatu zen. Eta asteazkenean ere bai. Ostegun gaua ordea, ilunagoa izan zen. Beraz, hartu zuen Tomek izebaren linterna zaharra, eta toalla lodikote bat, disimulatzeko. Zaintzen hasi ziren. Hamaikak edo horrela izango ziren, taberna zaharreko ateak itxi eta argiak itzali zirenean. Joeren aztarrenik ere ez. Kale ito hartatik ez zen ez inor sartu ez inor irten. Beraz, giltzak frogatzeko une egokia. Dena geldi zegoen. Urrutian trumoi hots itoak besterik ez. Atera zuen Tomek linterna, kupelpean piztu eta toallaz estali zuen. Berehala abiatu zen taberna aldera. Atzetik Huck. Hau etxe ondoan gelditu zen eta Tom berriz kale itorantz. Giltzak probatzera. Minutu bat, bi minutu, hamar minutu. Azkenean batek ez dakit zenbat denbora pasa zen. Huckentzat eternitatea. Eta Tom ez zela itzultzen. Linterna argi izpirik ez baitzen nabaritzen. Zerbait gertatu ote zitzaion bada? Sustoz hilda edo ote zegoen? Beraz, inguratzea erabaki zuen. Ez jakin nola. Ze berak sentitzen zuen beldur ikaragarria ez baitzen nolanahikoa. Bihotz taupadak inguru guztian entzuten zitzaizkiola iruditzen zitzaion. Arnasa ere falta. Zer zen, gero, hura? Halako batetan... hara nondik azaltzen den argi errainutxoa eta Tom. Bapo! ! —Ospa, Huck, ospa Huck, alde egin ezak, bizi nahi baduk. Ez zion alferrik esan. Hura izan zen hanka martxa, hura! Tximistak berak ere ez zituen harrapatuko. Bazirudien lehen itota zeuden bi hauspoak ere bizitu zirela. Bazirudien bihotza bera ere suspertu egin zela. Korri eta korri. Azkenean, herri atarian zegoen hiltegira iritsi ziren. Eta hantxe sartu. Ze ekaitza ere gainean baitzuten. Orduan lasaitu zen Tom. —Ikaragarria izan da Huck. Bizpahiru giltza frogatu nituen. Hurrengoa sartzera nindoala maratila ikutu nuen eta besterik gabe, ez zait bada atea irekitzen...! Begiratzen dut barnera. Kentzen dut lanparatik toalla eta... han zegoen...! —Nor, nor zegoen? —Nor egongo zen bada? Ia-ia besoa zapaldu diot Joeri. —Nola, nola? —Han zegoen Joe, lurrean etzanda, bi besoak zabalik, begiko partxea kendu gabe. —Jaungoiko maitea. Eta zer egin zenuen? Esnatu al zen? —Ez, ez, ezta mugitu ere. Uste dut mozkortuta dagoela. Hartu nuen toalla, eta... ospa egin dut... Bai azkar. —Noski, nik ere gauza bera egingo nuen, nola ez! Ni ez nintzen toallaz gogoratuko. —Ba... ni bai. Bestela izebak ez nau bakean uzten eta... —Eta zer? Ikusi al zenuen kaxa famatu hori? —Ez nuen begiratzeko adorerik izan. Ez kaxa, ez gurutzea. Botila bat bai ikusi nuen, zeharo hutsa eta baso bat. Bai,bi kupel ikusi nituen, eta gela guztian botila pila. Noski, noski, orain ulertzen dut mamuen geletan zer gertatzen den. —Zer gertatzen da bada? —Mamuak ez, baino whisky botilak daudela han. Zuk badakizu herri honetan ezin dela whiskyrik saldu. Beraz isilpean edaten dute. —Beharbada, beharbada. Bueno, Tom, baina pentsatzen jarrita ere, orain da kaxa hura eskuratzeko izan daitekeen unerik egokiena. Joe mozkortuta baldin badago... —Bai...? Zoaz nahi baduzu! Huck beldurtu egin zen. —Ez, ez, beno... ez dakit. —Horixe ezetz. Botila bat bakarrik zeukan. Bi edo hiru izan balitu, ez dut ezer esaten baina, batengatik...! Isilune luze bat eta gero Tomek: —Huck, hobe da Joe ez dagoenean saiatzea. Beldur gehiegi pasako dugu. Baina, gauero zaintzen badugu, orduan ikusiko dugu irteten. Noizbait irtengo dela uste dut. Orduan bai, eskuratuko dugu kaxa hori. —Ondo dago. Nik zainduko dut etxe hori. Egunez lo egin eta gauez zainduko dut. —Ondo dago. Eta badakizu. Berriren bat duzunean, deitu niri, beti bezala, “miauka”. Moldatuko naiz ni kaxa hori harrapatzeko. —Oso ondo. —Bueno, Huck, ekaitza ere amaitu da eta etxera noa. Laster egunak argituko du. Zoaz eta hasi zaitez zaintzen. —Bai, Tom, bai. Agindu nuena beteko dut. Banoa zaintzera. Egunez lo egin eta gauez zaintzen egongo naiz. —Eta non egingo duzu lo? —Ben Rogersen lastategian. Jake beltza ere han egoten da. Lagunak gara, ba al dakizu? Berak ura behar duenean nik ekartzen diot. Jatorra da oso. Zenbaitetan berarekin bazkaldu ere egin izan dut. Beltza izan arren... ez diot ni baino gutxiago denik adierazten. Eta nirekin pozik egoten da. Zuk ez ezer esan gero... —Nahi duzuna, hori zure bizia da eta zu libre zara. Bueno, egunez behar ez bazaitut, utziko dizut lo egiten. Baina behar zaitudanean, han izango nauzu. Eta zuk berriren bat duzunean, badakizu... “miauka” egin eta... ados. XXIX. HUCKELEBERRIK DOUGLAS ALARGUNAREN BIZIA SALBATZEN DU Berri onak zabaldu ziren herrian. Hain zuzen, Thatcher epailea itzuli berria zen oporretatik. Eta harekin batera, Becky. Beraz, Joe indioak eta bere altxorrak ez zuten garrantzirik Tomen buruan. Hura bai poza Tomek sentitu zuena! Arratsalde osoa pasa zuten jolasean beste lagun sail batekin. Zer egun zoragarria. Beckyk aspalditik zuen lagunei askari bat emateko asmo eta gogoa. Dakigunez egunik gabe atzeratu zen. Baina, orain, zorionaren erdian, presa zuen. Hurrengo egunean egin behar zen. Amari esan zion. Eta honek, nola ez, baiezkoa eman zion. Hura poza Beckyrena, eta ez txikiagoa Tomena. Ilunabarra iritsi zenerako, gonbidapen guztiak zabalduak zeuden eta gazte jendea ere hasi zen berehala hurrengo egunerako asmoak orekatzen. Tomek ezin zuen gau hartan lo hartu. Bazuen zenbait gauza buruan eta haiek eragozten zioten. Hurrengo egunean, txangoa eta askaria. Gau hartan, zori pixka batekin, Huckek deituko zuen. Eskuratuko zuten altxorra eta Beckyren aurrean aberats bezala azalduko zen. “Miauka” haren zain zegoen. Baina Huckek ez zuen miaurik egin. Hurrengo egunean bildu zen gazte jendea ibilaldi ederrena egiteko. Handiak ere ez ziren falta. Andereño batzuk eta mutil gazte gidari batzuk ere bai. Baporezko itsasontzi bat alokatu zuten. Harantz abiatu ziren kale erditik. Batek otartxo bat zeraman, dena jakiz betea. Beste hark motxila leporaino janariz josita, hango hark paketea eta abar. Alaitasun ugari zabaldu zuten kaleetan zehar. Sid, gaixo zegoenez gero, ez zen azaldu. Mary ere etxean geratu zen izebari lagun egiten. Zera esan zion Thatcher andreak bere alaba Beckyri: —Berandu izango da, noski zuek etortzerako. Beharbada hobe izango duzu gaurkoz kai inguruko lagunen baten etxean lo egiten gelditzea. —Ama, geratuko al naiz bada, Susy Harper lagunaren etxean? —Oso ongi iruditzen zait. Eta ondo portatu zaitez. Inor nekarazi beharrik gabe. Itsasontzi zaharra abiatu zen. Bitartean Tomek esaten dio Beckyri: —Ba al dakizu zer egin dezakegun? Bada, Joe Harperren etxera joan ordez, mendixka igoko dugu eta Douglas alargunaren etxera joango gara. Berak ondo zainduko gaitu. Izozki bana ere emango digu. Ba al dakizu? Pilaka edukitzen ditu. Eta nor joango zain egoten da emateko. Ikusiko duzu zein pozik jarriko den gu joaten bagara. —Bai ederki! Becky ordea isildu zen une batean. Eta gero: —Bai, baina, zer esango du amatxok? —Zer jakin behar du amak? Berriro ere Becky isilik. Eta gero: —Haserretuko da jakiten badu baina... —Bai, horiek zorakeriak dira. Zure amak ez du jakingo. Baina, horretan ezer txarrik ez dago. Berak zu seguru ibiltzea nahi du. Eta non egon zintezke alargun honen etxean baino seguruago? Dudarik gabe, Tomek zioena, proposamen kitzikagarria zela. Beraz, laster konbentzitu zuen Tomek bere laguna. Baina ez zioten inori gau hartako gorabeherarik esango. Baina, gau hartan Huckek seinalea jotzen bazuen, zer...? Hori pentsatzean kezkatu zen zerbait. Baina, beste aldetik, zergatik jo behar zuen gau hartan bertan? Kasualitate gehiegia izango litzateke. Gainera, hain polita izango baitzen gau hura. Zer demontre Huck eta altxorra har zezatela popatik. Bitartean baporea aurrera eta aurrera zihoan. Hiru kilometro eginak zituen. Eta baso adartsu baten ondoan gelditu zen. Gazteak lurrera jaitsi ziren. Entzutekoak ziren haien hizketa egin beharrak, barre algarak, alaitasuna eta abar. Baso eta mendi guztiak alaitu zituzten. Zer den, gero, gaztea izatea! Zein baino zein azkarrago abiatzen ziren gora. Izerdia bota behar baitzen. Bestela ere egoten ziren eserita. Eta hara bada, bota zuen hamaikak izerdi gogotik. Bai gose galanta ireki ere. Kanpamendura itzuli ziren jatera. Jatera, edo irenstera. Tripa bete eta gero, batzuek lo kuluxka egiteko gogoa zuten. Besteek, kontuak esateko. Denak pozik zeuden zumar adartsu baten azpian. Halako batetan, norbaitek dio: —Nork etorri nahi du nirekin kobara...? Denak prestatu ziren kobara joateko. Atera zituzten motxiletan eta zituzten kandela ugariak. Berehala abiatu ziren mendian gora. Kobaren sarrera mendiaren saihetsean zegoen. Sarrerak A nagusiaren itxura zuen. Haritzezko atea irekita. Barrua txiki samarra zen, inguru guztian horma trinkozko mugak ikusten zitzaizkion. Hozkailu bat bezain hotza. Misteriozko barrutia zirudien. Eta handik basoko berdeak ederragoa zirudien. Eguzki ederrak jotzen zuen kanpoan. Hasieran sortu zen isiltasuna gazteen odol beroak hautsi zuen. Berriro ere barre eta algarak. Norbaitek kandela bat piztu zuen, baina besteek zaplastako bat emanda botatzen zioten. Hurrena beste batek gauza berbera egiten zuen. Batzuek argia nahi bazuten, besteek iluntasuna. Eta broma eta alaitasuna ez zen falta. Geroxeago denak sarreraren hurrena zegoen aldapa bat jaitsi zuten. Gero, ostera, gora, hirurogeiren bat metro. Bazegoen han non ibilia. Sarrera nagusiak zortziren bat metro besterik ez zituen, baina gero, adarretan zabaltzen zen eskuin ezkerrera. Denak estuak. Labirinto bat zirudien koba hark. Bide asko zituen, baina bazirudien denak leku berdinera itzultzen zirela. Zenbaitek zioenez, egun guztian ibili arren, han ezin zitekeen bukaerarik aurkitu. Nahiz igo, nahiz jaitsi, dena nahas-mahas, labirinto bat zen. Sekula bukatzen ez zen zulo luze bat. Ezin zitekeen dena ezagutu. Gazte gehienak lehen ere izanak ziren. Baina hasieran bakarrik. Handik ez baitzen normalki inor pasatzen. Tom Sawyerrek ere ez zekien besteek baino gehiago. Pasadizo nagusitik aurrera joan ziren gehienak. Baina urrutiratu gabe. Kilometro eskasa edo horrelakoren bat. Gero, jolastienak ezker-eskuineko pasadizoetan ezkutatzen ziren nor izutuko ote zuten sustoa emanaz eta abar. Baina leku ezagunetatik ez zen inor aurreratu. Hura ikusita gero, denak atzera sarreraraino itzultzen ziren. Izerditan, hankak lokatzez eta arropak kandela tantoz josita. Bai ederki ibili zirela! Baina berandu egiten ari zen. Ilunabarra baitzen dagoeneko. Baporearen kanpaia jo eta jo ari zen azkeneko ordu erdi hartan. Berehala abiatu zen baporea. Berandutxo baina gutxi axola zitzaien. Hain ondo pasa baitzuten. Ordurako Huck zain zegoen; bere eginkizuna betetzeko prest. Baporea pasa zenean ez zuen zaratarik entzun, ze barruko neska mutilak zeharo nekatuak baitzeuden. Inguruan pasa zen eta galdetu ere bai bere kasa zein itsasontzi izan zitekeen. Gero, berriro, buru belarriak bere lanera itzuli zituen. Iluntzen ari zuen. Gaurko hau, dudarik gabe, oso iluna izango zen. Itxuraz behintzat. Hamarrak jo zuten eta jadanik ez zen auto eta gurdi hotsik entzuten. Argiak ere itzali ziren. Jende guztia oheratu zen. Bakar bakarrik gure begirale gaztea zegoen esna. Gaueko iluntasun eta mamuen artean. Zain egon zen denbora luzean. Baina alferrik. Ez zen inoren arrastorik. Horretarako ere merezi al zuen zain egoteak? Han ez baitzen ezer gertatzen! Ez al zen hobea oheratzea, mundu guztiak egiten duen bezala? Halako burutapenetan zegoela, bat batean, zaratatxoa entzun zuen. Bai, norbait, dudarik gabe. Kale estuko atea itxi zen poliki-poliki. Izkina batean gorde zen, adreiluen atzean, arnasa ere geraturik. Bi ziren zetozenak. Bi gizon eta bere ondotik pasa ziren. Batek, besapean zerbait zeraman. Zer ordea? Kaxa famatu hura ala? Ez jakin! Beharbada altxorra lekuz aldatzen ari ote ziren? Tomi deitu behar zion. Nola, ordea? Alferrik izango litzateke, ze haiek bistatik galduaz gero, alferrik izango ziren hurrengo lanak. Jarraikitzea erabaki zuen. Bai, haien atzetik joango zen, noranahi zihoazela ere. Eta ezkutalekutik irten eta oinkada arinean abiatu zen, bi gizaseme haien atzetik. Urrutitik, baina urrutiegi izan gabe. Neurrian. Etxeak utzi eta ibaiari jarraitu zioten. Gero zeharkako kale bat hartu zuten. Bide hura Cardiff izena duen mailo batera zihoan. Bidean galestar zaharra bizi zen. Handik ere pasa ziren, inora begiratu gabe. Aurrera zihoazen, beti aurrera. Arraioa dio bere kasa Huckek, harrobi zaharrean lurperatu nahiko diate kaxa hori! Arrania! Baina harrobitik ere igaro ziren gelditu gabe... Demontre! Mendian barna zihoan bidezidor batetik jarraitu zuten. Laster sastraka tartean galdu ziren. Ez zen ongi ikusten. Huck berriz, ahaleginak eginaz, bi tunante haien atzetik, inguratu gabe baina bistatik galdu gabe. Joan zen aurrera eta bazirudien une batetan bistatik galdu zituela. Ez zen zaratatxo txikiena ere entzuten. Bere bihotzaren taupada gogorrak, besterik ez. Urrutiko hontza baten ulu tristea! Pausorik ez, ordea. Arrania, non sartu ote ziren bi haiek? Dena galdu ote zen... Ai, ai, ai! Korrika abiatzea hobe zela pentsatu zuen. Baina une hartan norbaiten eztarriak marranta egin zuen. Ondo ondoan. Bost bat metrotara. Aiba...! Bihotza ere eztarrian ito zitzaion. Makila bat bezala tinkatu zen, estatua bat bezala. Baina haren kopetako izerdiaren hotza! Bertan behera erortzen ez bazen, gaitz erdi. Bazekien non zegoen: Douglas alargunaren lurretara abiatzen den ataka ondo ondoan. “Ondo zegok —esan zuen bere kasa—; lurpera dezatela hemen. Ez duk leku txarra aurkitzeko”. Orduan bertan ahots bat entzun zen. Ahots ito bat. Baina Huckek bazekien noren ahotsa zen hura: Joerena. —Madarikatu alaena! Alargun horrek gaur bisita ote du bada? Oraindik ere argia ikusten da etxe barruan. —Nik ez dut bada ikusten... Norena ote zen beste ahotsa...! Duende etxean Joeri laguntzen zion beste harena. Noski! Heriotzaren hozberak eraso zuen Huck. Ospa egiteko gogo bizia sartu zitzaion. Baina, beste aldetik..., Douglas alargunak mesede asko egin izan zizkion berari. Beharbada, ez ote zuten bi haiek hura erail nahi? Pozik joango zen abisatzera. Baina ezin ordea... Eraile haiek harrapatuko zuten eta bertan desegin. Pentsa eta pentsa gelditu zen. Bitartean Joek erantzun zion besteari: —Nola ikusiko duzu ba hortik, zarbastak dauzkazu aurrean eta... Ia honantz... Ikusten...? —Bai, bai. Dudarik ez dago. Bisita du. Hobe izango da bertan uztea. —Utzi! Utzi! Eta zer? Aukera hau galtzeko gogorik ez dut. Ez naiz ni hemendik joango nire azioa egin gabe. Lehen ere esan nizun. Bere diruak bost axola zaizkit. Nahi baduzu, zuretzat. Baina bere senarra madarikatua… Zein gaiztoa izan zen nirekin. Alferrontzi bat nintzela eta ez ninduen, bada, kartzelara sartu... Bai, epaile zela. Eta ez da hori bakarrik. Oraindik ere gehiago. Zigorkadak emanarazi zizkidan. Kartzela aurrean berebiziko zigorkadak eman zizkidan, herri guztia aurrean zegoela. Nik pasa nuen lotsa. Ezta beltz batek ere... Zigorkadak bai, odoletan utzi arte. Alferrontzi eta lapurra nintzela eta... Zerri hura hil zen. Hobe beretzat. Bestela... Baina nire ordaina eman behar dut. Hura ez dago, eta bere alargunak ordaindu beharko du... Bai horixe! —Arren, Joe, ez ezazu akabatu. Ez ezazu horrelakorik egin! —Akabatu...? Akabatu...? Nork esan dizu akabatzeko asmoa dudala? Bera bai, triskatuko nuke. Baina emakume bat ez da akabatzen... Hain dira bigunak. Ez, ez... Bestela jokatu behar da hauekin. Gorputza zauritu behar zaie. Gorputza. Sudurretik orratzak sartu, belarriak erdi moztu zerriekin egiten den bezala... —Jainkoarren, Joe, Jainkoarren. Hori astakeria... —Aizu adiskide. Gorde barnean zure iritzia. Hobe duzu, arrania! Odolusten bada, ez da nire errua izango... Ez dut nik horregatik negarrik egingo. Ez. Eta zuk, lagundu behar nauzu... Nik eskatzen dizut. Ez edozeinek. Horretarako etorri zara hona. Beharbada, ezin dut bakarrik egin. Zurekin bai. Ulertzen al duzu? Eta ez hasi zalantzan, ze orduan zeu hilko zaitut... Lehenengo zu, eta gero bera... Fuera! Orduan inor gutxik jakingo du gauza honen egilearen berri. —Beno, Joe, beno. Ez zaitez horrela jarri. Egin behar duguna egin dezagun. Azkar gainera. Dardarez nago baina... —Dardarez zaude, oiloa! Eta bera bisitarekin. Ez zinen bada zu salatari izango...! Ez dakit zer pentsa. Dena dela, argi guztiak itzali arte egongo gara. Ez dago presarik. Dena isilik gelditu zen. Nahiago zuen berriketa entzun, isiltasun sorgindu hura baino... Gelditu zuen arnasa... eman zuen pauso bat atzera... Kooontuz. Gero bestea... Zaratarik atera gabe. Adar batek “krask” egin zuen hankapean. Gelditu zen. Ezer ez. Dena bake bakean. Ez ziren konturatu. Gero, zarbasta batzuen atzetik horma ingurura jaitsi zen. Handik abiadura bizian abiatu zen behera... Erne. Harrobira iritsi zen. Orduan lasaitu bizi bat hartu zuen. Eta orduan ahal zuen lasterrena abiatu zen, korrika bizian. Iritsi zen galestar zaharraren etxera. Jo zuen atea. Berehala etxeko leihoetatik atera ziren galestarraren burua eta bere bi seme sendoenak ere. —Zer gertazen da? Zer zaratak dira hauek garai hauetan? Nork deitzen du? Zer gertatzen da? —Utz iezadazue sartzen, arren! Dena esango dizuet. Arren eta arren... —Sartzen... ! Nor da bada? —Huckleberry Finn naiz. Ireki azkar atea. Azkar eta azkar... —Beraz, Huck zara... Ez duzu bada zuk oso fama ona... Ez lizuke edozeinek aterik irekiko. Baina... tira, sar zaitez. Ikus dezagun zer nahi duzun. —Arren, ez esan nik salatu dudanik —hasi zen Huck. Hilko nindukete. Baina alarguna andre ona izan da nirekin. Eta horregatik egiten dut. Baina, arren eta mesedez, ez esan ni izan naizenik salatari... —Arrania, zer esan behar ote du bada mutiko honek? — esaten du galestar zaharrak. Esan azkar esan behar duzuna. Hiru minutu barru, mendian gora abiatu ziren galestar zaharra eta bere bi semeak. Ondo armatuak. Eskutan pistola bana zeramatelarik. Aurrena Huck ere atzetik. Baina gero han gelditu zen, belarriak erne. Zer gertatuko ote zen zain. Berehala su armen tiro hotsa zabaldu zen mailoan. Inork ez zekien zer gertatu zen. Ez zuen Huckek jakiteko gogorik ere. Arin-arin, ahal zuen bezain azkar, mendian behera alde egin zuen. XXX. KOBAN GALDUTA Egunsentiak argitu zuenerako, igande goiza zen, Huck bere kupelpetik irten eta galestar zaharren etxerantz abiatu zen. Berriak jakin nahi zituen. Zer gertatu ote zen edo... Lotan zeuden etxekoak. Arin, ordea. Ze gau hura hain izan baitzen aztoragarria... —Nor da? —galdetu zuten leihotik. Eta Huckek ahots beldurtuaz: —Arren, etxekoak. Ireki atea. Utzi sartzen; Huck naiz. —Oso ondo. Zure izena entzutea, nahiko da etxe honetako atea irekitzeko. Ez zuen halako hitzik aspaldian Huckek entzun. Beti kontrakoak eta mespretxuzkoak entzuten ohitua baitzegoen. Ireki atea eta sartu zen barrura. Esertzeko agindu eta agurea bi semeekin inguratu zitzaizkion: —Oso ongi, mutil. Gosetua egongo zarela uste dugu. Eguzkia irteten denerako, gosari bero beroa prestu edukiko duzu. Bazen garaia zu itzultzekoa. Zain geunden. —Lehenago etorri behar nuen, bai. Baina tiroak entzun nituenean, halako beldurra sentitu nuen, ze lau kilometro egin arte ez bainintzen gelditu ere. Orain berriak galdetzera nator. Lehenago etorri banintz ere, ez ote nintzen bi deabru haiekin topatuko. —Huck gajoa! Ikusten da bai, zein gaizki pasa duzun gau hau. Baina gure etxean zuretzat ohe bat prestatua dago. Gosaldu ondoren sar zaitezke. Eta berriei buruz... zera... ez genituen hil... zoritxarrez. Bagenekien non zeuden, zuk esanda. Hamabost metrotara inguratu ginen. Sasi tarte gehiegi dago han. Halako batean doministikua egiteko gogo ikaragarria sortu zitzaidan. Saiatu nintzen, baina alferrik. Egin behar, eta egin nuen doministikua. Besteek entzun zuten, eta inoren zain egon gabe, mendian behera ihesi hasi ziren. Nik orduan: “Jo su...” agindu nuen. Bakoitzak tiro bana bota genuen. Gero haien atzetik abiatu ginen mendian behera. Ez genituen harrapatu. Uste dut ez genituela zauritu ere. Gero konturatu ginen haien aztarrenik ere ez genuela. Zuzenean, “sheriff’ jaunarengana joan ginen. Egunak argitzen duenean, basora irtetekoa da bere mutilekin. Ez dakit harrapatuko dituen. Baina, ez dakigu nolakoak diren gaizkile horiek. Handiak, txikiak, ezertxo ere... Zuk ere, noski, iluntasun horretan ez zenuen gehiegi ikusiko... —Bai, bai, herrian ikusi nituen. Eta haien atzetik joan nintzen. —Aiba, aiba, esan orduan, esan, nolako itxurazkoak diren. —Bat zera da: mexikarra erdi sor hori. Azkeneko aste hauetan bizpahirutan azaldu da hemen inguruan. Bestea berriz, zarpatsu miserable bat da... —Aski da, aski da, badakit nortzuk diren. Behin basoan topo egin genuen. Haiek ni ikustean ihesari eman zioten. Aurrera, mutilak, goazen sheriff jaunarengana, haien berri zehatz hauek ematera. Gero gosalduko duzue. Galestarraren semeak berehala irten ziren. Eta Huckek esaten die: —Arren eta arren, ez esan ni izan naizenik salatari. —Bueno, Huck, ondo dago. Zuk nahi baduzu ez dugu esango. Baina gure iritzian hobe litzateke zure ekintza onaren berri zabaltzea. Zuretzat ere ez luke kalterik. —Ez, ez, eta ez, arren ez esan. Ez dut inola ere nahi. Eta besteak: —Ondo dago, Huck, ez dugu esango. Zaude lasai. Baina zergatik ez duzu nahi esaterik? Mutilak nolabait azaldu zuen barnean zeraman izua. Batik bat bi haietako bati buruz. Beraz... ez zuen haren hatzaparretan hil nahi. Eta zaharrak: —Ondo dago. Ez gaitezen horretaz gehiago mintza. Ez dugu esango. Baina, aizu Huck. Nola bururatu zitzaizun bi gaizkile hauei jarraitzea? Isildu zen Huck. Ea nondik asmatzen zuen bada erantzun egoki samar bat. —Bada... begira. Ni ere ez naiz zeharo zintzo horietakoa. Hori esaten dute behintzat. Eta nik neuk ere sinesten dut. Batzuetan jatorragoa izan behar nukeela ere pentsatzen dut. Hori berbera gertatu zitzaidan atzo. Ezin nuen lo hartu, hori pentsatuaz. Atera nintzen kalera. Eta han nenbilen noraezean. Badago bada, hor herrian, adreilu fabrika bat. Hantxe nengoen. Bada orduan, bi hauek nire ingurutik pasa ziren. Susmoan jarri nintzen, ze besa- pean kaxa bat baitzeramaten. Lapurtua izango zela pentsatu nuen. Bat erretzen zihoan eta besteak sua eskatu zion. Nere aurrean gelditu ziren. Pospoloaren suarekin aurpegiak ikusi nituen. Bata mexikarra erdi sor hori zen, bere masail bizar zuriekin, eta begiak partxe gorria zeramala. Eta bestea, arropatzar zarpail bat... —Nola, nola? Pospolo baten suarekin arropa zaharrak ere ikusi al zenituen? Huck dudatan jarri zen. —Bada, ez dakit... ziur ez dakit. Baietz iruditzen zait. —Eta haiek aurrera jarraitu zuten. Eta zuk? —Ni atzetik abiatu nintzen. Hori da. Nora eta zertara zihoazen jakin nahi nuen. Ibiltzeko modua ere susmagarria baitzuten. Atzetik joan nintzaien alargunaren sarrera atean gelditu ziren arte. Zarpailtsuak bizpahiru hitz esan zituen. Eta mexikar horrek, alarguna zigortu eta odolustu egingo zuela agindu zuen. Hori lehen ere esan dizut...? —Nola, hori guztia mexikar erdi sor horrek esan al zuen? Huck larri sentitzen zen. Gauzak taxuz esan nahi baina, ustekabean hanka sartzen zuen. Ez zuen nahi galestarrak jakiterik nor zen mexikar erdi sor hura. Saiatu zen nolabait baina, gero eta kontraesan gehiago botatzen zituen. Zaharra berriz, berari begira, begirik kendu gabe. Eta esaten dio honek: —Seme, ez ezazu nire beldurrik izan. Ez dizut nik okerrik egingo eta. Alderantziz, nire beharra duzunean, konta ezazu nirekin. Mexikar hori, erdi sorra dela esaten dugu. Herrian zeharo sorra eta mutua dela esaten dute. Zuk, Huck, badakizu ez dela ez sorra, ez mutua. Eta zerbait gehiago ere badakizu pertsona horri buruz. Zergatik ez didazu esaten. Nik ez zaitut salduko. Huck zaharrari begira gelditu zen. Haren aurpegi leialak bigundu zuen. Eta esaten dio: —Mexikar sor hori... zera da... Joe indiarra. Galestarrak hori entzutean, salto egin zuen aulkian. Eta gero: —Orain ulertzen dut asunto hau. Lehen andrea nola zauritu eta abar aritu zarenean, ez dizut hitzez hitz sinetsi. Zure hitz egiteko modua dela pentsatu dut. Orain ordea, sinesten dut. Indiarrek horrelako joerak baitituzte. Azal zuriko garenok, ez gara gauza horrela jokatzeko. Indiarrak ez dira berdinak. Orduan aitona hiztun bihurtu zen. Alargunaren lurren aurretik itzuli baino lehen, bazterrak miatu zituztela, eta ez zela han odol zantzurik ikusten. Baina, pakete bat edo aurkitu omen zuten... —Ze pakete? Hucken galdetzeko modua susmagarria zen. Aitona konturatu zen. Zuri zuri zegoen Huck. Begiak zabal zabalik. Galestarra hari begira une luze batetan. —Zer bada...? Zertaz harritzen zara... Zer izango zen bada... Lapurren erremintak ziren... Zer gertatzen zaizu orain berriz? Huck altxa zen eta atseden izugarri bat hartu balu bezala, berriro aulkian eseri zen. Kopeta izerditan. Aitona berriz, hari begira, harrituta: —Bai, Huck, bai. Lapurrek ibiltzen dituzten erreminta horietakoak. Zer zela uste zenuen bada? Zer erantzun behar zuen mutilak? Aitonaren begiak erne zeuden. Dena ikusten eta asmatzen zutela zirudien. Huckek zer erantzungo...? Edozer gauza. Eta zera esaten dio: —Ez dakit bada... Iganderako liburuak edo... Aitonak barre algara bizia bota zuen. Gorputz guztia algarak dardartu zuen goitik behera. Hucken erantzunak, zentzurik gabekoak baitziren. Gero Hucki esaten dio: —Ai Huck! Kolore txarra duzu. Zuri-zuri zaude eta nekatua. Itxura txarrekoa. Ez naiz harritzen esaten dituzunak esatea. Zergatik ez zara lotara joaten? Ia atseden gozoa hartzen duzun...! Huck ez zegoen bere buruarekin pozik. Nola esan zitzakeen halako astakeria pila. Berak bazekien ziur samar, pakete hura ez zela altxorraren kaxa...! Alargunaren lur aurrean zegoela konturatu baitzen. Konbentzitu ere bai erreminta kaxa zeramatela. Baina erabat ziur ez. Eta aitonak esan zionean, zera hura... nola aurkitu zuten kaxa bat edo... bera zeharo larritu zen... Altxorra ote zen edo... Haren larritasuna... Eta okerrena, ez zela izan gauza ezer ere disimulatzeko aitonaren aurrean. Titikume galanta bera. Dena dela, orain bazekien pakete hura ez zela altxorraren kaxa. Ziur zekien orain. Eta lasaitu ere egin zen gogotik. Altxorra “zenbakia bi” delakoan zegoen. Gordeta. Ez zen inoren hatzaparretan erori. Tom eta biak libre ziren hura eskuratzeko. Gauez joango ziren eta... inoren beldurrik gabe. Gosaria bukatu bezain laster, galestarraren etxera jendea hasi zen. Huck etxe bazterrean gorde zen. Ez zuen nahi inork gau hartako harekin elkartzerik. Emakume eta gizon, denetik azaldu zen etxe hartan. Haien tartean Douglas alarguna ere bai. Zenbait herritar goraino joan ziren, alargunaren lurretaraino. Berriren bat ba ote zen edo ikustera... Izan ere, gau hartako gertakizuna herri guztian zabaldu baitzen. Galestarrak gau hartako historia guztia kontatu zuen. Alarguna erdi malkotan zegoen. Nola eskertu zaharrari egin zion mesede handi hura? —Aski da etxekoandre —erantzuten dio honek. Bada hemen nik baino merezimendu gehiago duena. Beregatik izan ez balitz, gure eginkizuna alferrik izango zen. Baina ez du bere izenik esaterik nahi. Berak abisua pasa ez baligu, gu ez ginen zure etxe aldera joango. Geroztik denak jakin nahi izan zuten, nor izan ote zen abisua eman zuen pertsona. Galestarrak ordea, hitza bete zuen eta ez zuen esan. Denak jakin minez utzi zituen. Gero alargunak hitz egin zuen eta esan: —Egia esateko, ohean nengoen irakurtzen. Zarata horrek ez ninduen esnatu ere. Zergatik ez zinen nire etxera etorri? —Ez zuen merezi. Hala iruditu zitzaigun, behintzat. Hiltzaile haiek ez baitziren ostera itzuliko. Etorrita ere erremintak galduak zituzten. Beraz, zertarako joan zure etxera? Larritu besterik ez zinen egingo. Nire etxeko hiru morroi beltzak, hor egon dira zure etxe inguruan, gau guztian zain. Norbait baletor ere... Hara, oraintxe itzuli dira. Aitonak izan zuen nahiko lan beste bi ordutan. Etortzen zen bakoitzak historia guztia jakin nahi zuen. Bati esan eta besteari errepika. Oporretan eskolarik ez izan arren, Igandeko Dotrinan nahiko jende biltzen zen. Han zabaldu zen berri hau. Baina ez omen zegoen bi gaizkileen berririk. Elizkizuna bukatu zenean, Thatcher andrea Harper etxekoandreari inguratu zitzaion. Eta galdetzen dio: —Zer, oraindik ere lo al dago bada nire alaba? —Zure alaba? Zer bada? —Bai, zer bada? —harriturik. Ez al du bada zure etxean lo egin? —Nire etxean? Ezta pentsatu ere...! Thatcher andrea zurbil gelditu zen. Ez al zion, bada, bere alabak han lo egingo zuela agindu? Orduan handik bertatik pasa zen izeba Polly lagun batekin solasean. —Egun on Thatcher andrea. Egun on Harper andrea. Ez dakit non den nire mutiko bat. Tom falta zait. Beharbada zuen arteko etxeren batean lo egin ote duen edo jakin nahi nuke. Orain, elizara etortzeko beldurrez egongo da. Ai... Azaltzen denean, nik gorrituko dizkiot belarriak. Thatcher andrea oraindik ere zurbilago jarri zen. —Nire etxetik ez da pasa —erantzuten du Harper andreak. Eta izeba Pollyk: —Joe Harper, ikusi al duzu gaur goizean Tom? —Ez, andrea. —Noiz ikusi duzu azkeneko aldiz? Joe pentsatzen jarri zen. Noiz ikusi ote zuen, bada? Ez zen gogoratzen. Laster hotsa zabaldu zuen eliz barrutian. Txangoan izan ziren andereño eta irakasleek ez zekiten ezertxo ere. Inork ez zekien Tom eta Becky baporean itzuli zirenik. Han inork ez zuen inoren berririk galdetu. Azkenean, norbaitek zioenez, koba barnean galduak izatea ere gerta zitekeen. Thatcher andrea zorabiatu egin zen. Izeba Polly negarrez. Laster zabaldu zen berri latza herri guztian. Jo zituzten herriko kanpaiak. Ez zegoen beste biderik. Koban egongo ziren galduta. Beraz, jende guztia prestatu zen harantz abiatzeko. Gaueko gertakizuna ere ahaztu zen zeharo. Prestatu zituzten zaldiak eta koba aldera abiatzeko. Txalupak ere bai. Ordu erdi batean berrehun gizaseme prest zeuden neska mutilen bila joateko. Igande arratsalde hartan, herri hartako kaleak hutsik egon ziren. Bizitasunik gabe. Zenbait emakume izeba Polly eta Thatcher andrea bisitatzera joan ziren. Kontsolamendu pixka bat bederen eskaintzera. Ez baitzen gutxiagorako. Pasa ziren orduak, ordu luzeak. Gaua ere berdin. Bukaezina izan zen. Jendea berri zain. Noiz aurkituko ote zituzten. Egunak argitu zuenean, oraindik ezeren arrastorik ez. Kobatik mezu bat bidali zuten, ez ona, ordea. Janariak eta kandelak nahi zituzten lanean jarraitzeko. Thatcher Jueza ere barruan zen, besteekin batera. Itxaropena ez galtzeko agintzen zien etxekoei. Baina alferrik. Hori esatean ez zituen malkoak lehortzen. Egunsentiarekin batera itzuli zen galestar zaharra etxera. Buztinez eta kandela tantoz josia. Ezin zuen gehiago. Sasoitsua izanik ere, urtetsua baitzen. Eta urteek ez dute barkatzen. Eta Huck? Non ote zegoen Huck? Ohean oraindik. Baina sukarrak menderatua, zorabioak emanda zorakeriak esaten. Sukar latza harrapatu zuen. Herriko sendagile guztiak, berriz, hartzuloan zeuden eta nork zaindu hura. Douglas alargunari deitu zion, zaindu zezan. Emakume hark baiezkoa eman zion, ze Huck, beharbada ez zen hain ona; hala zioten behintzat, baina, zer, ordea, ez ote zen hura Jainko seme beste edozein bezala? Galestarrak, bihotz onekoa zela ere esan zion: —Noski baietz. Ez dut zalantzarik egiten —alargunak. Eguerdian gehienak etxera itzuli ziren. Ezta arrastorik ere. Indartsuenak barnean gelditu ziren. Beno, arrasto arrastoak, zerbait bai. Sekula inor ibili ez zen lekutatik aztarrikatu zuten. Aurrera eta aurrera. Herri hartako jendea, behin ere ez zen hainbeste barruratu koba hartan. Orain ez zegoen beste biderik. Batzuetan itxaropena sortzen zitzaien. Adibidez, bideko sabaian, zera aurkitu zuten: kandela kez egindako bihotz bat, alderik alde ezpata zuelarik. Eta bi lekutan bi izen: Tom-Becky. Geroxeago, lurpean zinta gorri bat aurkitu zuten. Kandela tantoz zikindua. Thatcher andreak bere alabarena zela ezagutu zuen. Beraz hura zen berak azkenekoz utzitako erlikia. Malko tartean gorde zuen eskutan. Ez zegoen dudarik. Bere alaba hila zegoen. Eta erlikia txiki hura zen bere soinetik azken unean utzitako erlikia. Kuadrilak berriz, aurrera eta aurrera. Halako batetan urrutian argia ikusi zuten. Inguratu ziren, baina alferrik. Beste begirale batzuk ziren. Pistola tiroak ere bota zituzten. Ea bi gazte haiek entzuten zituzten. Erantzunik ez. Eta horrela hiru egun eta gau, lan aspergarri eta itxaropenik gabekoan. Inork ez zuen bila jarraitzeko gogorik. Egun haietan, tabernan edari debekatuak aurkitu zituzten. Hori bekatu handi bezala kontsideratua izaten zen garai haietan. Baina, egoera honetan jendeak ez zion jaramonik egin. Huckek jakin zuen tabernako berri hori. Eta galdetu ere bai, edari debekatuen artean beste zerbait aurkitu ote zuten. —Bai, —erantzun zion alargunak. —Zer gehiago, zer gehiago? —Droga batzuk edo... Baina haurra, zaude lasai eta isilik. Horrela ez zara sendatuko eta. —Emakume, esan iezadazu gauza bat bakarrik. Nork aurkitu ditu gauza horiek? Tom Sawyerrek agian? Alargunaren begitan bi malko azaldu ziren. —Lasai mutiko, lasai. Lehen ere esan dizut ez hitz egiteko. Oso gaixo zaude eta atsedena behar duzu. Beraz, alkohola eta drogak. Besterik ez zen azaldu. Urrearen arrastorik ere ez. Non ote zegoen urre hura. Beharbada, betirako galdu zuten haren arrastoa. Baina, zergatik egiten zuen negar alargunak? Gauza guzti horiek pasa zitzaizkion Hucki burutik. Gero lo hartu zuen. Eta alargunak: —Lo hartu du behintzat. Gaixoa! Tom Sawyer esan du. Jakingo balu zer gertatu zaion Tom Sawyerri. XXXI. AURKITU ETA BERRIRO GALDU Ikus dezagun orain zertan ibili ziren Tom eta Becky. Lehenengo, lagunekin batera abiatu ziren. Koba hura ikusgarria baitzen. Eta bazter ezagunenak, denek bazuten bere izena. Non batek “Atari”, besteak “Eliz Nagusi”, “Aladinoren Gaztelua” eta antzekoak. Gero gordeketan hasi ziren. Bazegoen han non ezkutatu. Aspertu zirenean, aldapa handi bat jaitsi zuten. Eskuin ezkerreko hormak izenez josiak zeuden. Turistek egindako gauzak, dudarik gabe. Aurrera jarraitu zuten. Ez ziren konturatu izenez betetako hormak bukatu zirela. Gero bata eta bestearenak jarri zituzten, bihotz bat tartean ipiniaz. Hurrena errekatxo bitxi baten ingurura iritsi ziren. Zoragarria benetan. Ur jauzi polit bat egiten zuen. Tomek kandelarekin ur jauziari argi eginaz, ikuskizun zoragarria bihurtzen zen. Haren atzean eskailera natural bat zegoen. Bide estu batetik behera. Handik aurrera joatea beldurgarri izan zitekeen. Baina, nola menderatu jakin min hura? Ea, goazen aurrera. Eta jaitsi ziren. Ez, ordea argizari kearekin seinale bat egin gabe. Gero itzultzerakoan haren beharra izango baitzuten. Becky ez zen beldurtzen. Segi zuten aurrera. Gero eta leku bereziagoak ikus zitezkeen. Gizaldiz gizaldi naturak berak jositako edertasunak. Segidan, ezkerreko bide bat hartu zuten eta berriro kandelarekin egin zuten seinalea. Etxera itzultzean izango zuten zer esana eta zer kontatua. Gero zulo zabal bat topatu zuten. Goiko sabaitik, estalaktika bitxi eta ugariak apuntatzen zituzten bere mutur zorrotzak lurrera. Bat ikusi, bestea ikusi, jira-bira inguru haietan ibili ziren. Nonahitik ibilbide ugari ikusten zen. Eta haietako batetik aurrera ekin zuten. Ia konturatu gabe. Geroxeago iturri garbi bat topatu zuten. Aska natural bat zuen azpian, dena kristal itxurazko eskamaz josia. Azpian estalagmita zoragarriak, gizaldiz gizaldi goiko itoginei erantzuna emanaz haziak. Aurrerago, sabaipean sagu zahar ugari ikus zitezkeen, zintzilika. Hegaka sorgindua egiten zuten noizbehinka, ulu bereziak eginaz. Tomek ezagutzen zituen sagu zaharren ohiturak. Eta bazekien arriskutsuak izan daitezkeela ere. Horregatik, haien artetik berehala atera zuen Becky pasadizo bateraino. Baina hala ere, sagu zahar batek hegaldi batez kandela itzali zion Beckyri. Eta haien atzetik joan ere bai puska batean. Ihesari eman beharra izan zioten neska mutilak haiengandik libratu nahi bazuten. Pasabide batetik bestera. Tomek beste zulo luze bat aurkitu zuen hurrena. Haren bukaera ez zen ikusten. Bazterrak aztarrikatzeko gogoa etorri zitzaion. Baina aurretik atseden on bat hartzea hobe zela eta eseri ziren biak. Orduan hasi ziren barru barrutik kezkatzen. —Badirudi aspaldi aspalditik gaudela hemen —esaten du Beckyk. Badirudi ez dudala aspaldi aspalditik besteen ahotsik entzun. —Noski, hemendik ezin ditugu entzun. Haiek baino askozaz beherago baikaude. Eta ez dakit non ziur, edo hegoalderago, edota iparralderago. Ez dakit ziur. Eta Beckyk: —Noiztik gaude gu hemen, Tom? Ez al duzu itzultzea hobea izango? —Beharbada bai, itzultzea dugu onena. —Eta aurkituko al duzu bidea? Neretzako bide hauek nahastuegiak dira. Nik bakarrik ez nuke asmatuko. —Uste dut baietz, aurkituko dudala. Baina tartean sagu zahar alu horiek beldurra ematen didate. Zer egin dezakegu bi kandelak itzaltzen badizkigute? Beste bideren bat aurkitu beharko dugu. —Ez al gara galduko, Tom! Ikaragarria izango litzateke. Eta neskatxa beldurtu zen posibilitate erreal hartan pentsatuaz. Abiatu ziren bide batetik bestera. Zulo bakoitza aztertuaz. Ezagunik aurkitzen ote zuten. Baina denak ezezagunak ziren. Tomek aztertzen zuen bakoitzean, Beçkyren begiak harengan finkatzen ziren. Baina ezer ezagunik ez zuten aurkitzen. Tomek ahotsa alaituaz esaten zion: —Ez, hau ez da. Baina egon lasai aurkituko dugu eta. Ibili eta ibili. Ez zuten bide ezagunik topatzen. Itxaropen guztiak galtzen ari ziren. Baina Tomek “laster aurkituko dugu” esanaz, aurrera jarraitzen zuen. Beldurra ugaldu zitzaien bihotzean. “Laster aurkituko dugu” esan arren, hitz haiek ere bere zentzua galdu zuten. Negarrari eutsi nahi zion neskak. Baina ezin. Alferrik. Ez zen pauso erdi bat ere mutilarengandik urruntzen. —Tom. Tom. Ez zaizkit sagu aharrak axola. Goazen harantz, goazen bide hartatik. Badirudi gero eta galduagoak gaudela eta. —Entzun, entzun —esaten dio Tomek geldituaz. Arnas hotsa ere garbi entzuten zen. Tomek oihu egin zuen. Dei hura kobazulo luzeetan galdu zen oihartzun itzaletan bihurtu arte. —Ez ezazu berriz deitu, Tom, ikaragarria da eta —dio Beckyk. —Bai, ikaragarria eta beldurgarria da, baina hala ere hobe dugu deitzea. Behar bada entzungo gaituzte. Eta berriz ere dei egin zuen. Baina ez zuen inork erantzun. Itxaropena ere pikutara joan zen. Geldi-geldi jarri ziren, ea norbaitek nonbaitetik erantzuten zien. Ez, alferrik. Tom atzera itzultzen, gero aurrera, ezkerrera eta eskuinera. Zeharo galduak zeuden. Atzera itzultzeko bide guztiak berdinak ziren. Ez zekiten non zeuden. —Tom, Tom, zergatik ez duzu seinalerik egin, zergatik? —Zoroa izan naiz. Ez nuen pentsatzen atzera itzuli beharrik izango genuenik. Ezin dut biderik aurkitu. Dena nahastua dago. —Tom, Tom, ai, Tom, galduta gaude, galduta. Ez gara behin ere leku beldurgarri honetatik irtengo. Zergatik utzi ote genituen besteak? Lurrean eseri eta negar garratzari ekin zion. Izuak ematen bazion, hura izan zitekeen txarrena. Tom bere on- doan eseri zen eta besarkada gozo bat eman zion. Neskari beldurrak arindu zitzaizkion. Bere negar isila, urrutiko harri biziak algara ito bihurtzen zuten. “Anima zaitez”, esaten zion lagunak. Berak zuela errua eta. Hitz haiekin Becky animatu zen, eta Tom nora joan atzetik jarraituko ziola agindu zion, azken unera arte. Ze berak ere bai baitzuen bere erru puska. Eta ez txikia. Abiatu ziren berriro, norabait. Nora zihoazen jakin gabe. Baina aurrera, beti aurrera. Hitzak esatea alferrik zen. Itxaropena galdua zegoen. Kandela ere ahitzen ari zen. Tomek oraindik bazuen kandela oso bat. Eta hiruzpalau puska txiki poltsikoan. Haiek ahitzen baziren... Ezin zituzten alferrik gastatu. Nekea ere handitzen hasi zen. Baina ezin zen baldintza haietan nekatu. Gelditzearekin ez zuten ezer aurreratzen. Denbora irabazi behar zen. Joan norabait behintzat, inon gelditu gabe. Baina esertzea izan zitekeen txarrena. Heriotzari deitzea bezala. Azken finean ordea, Beckyren hanka hezigabeak leher eginda, jarraitu ezinik geratu zen. Eseri ziren lurrean. Eta hasi ziren etxekoak, lagunak, denak gogoratzen. Becky berriro ere negarrez. Tom kontsolatu nahirik, baina ezin lortu. Halako nekea baitzuen neskak, ze azkenean lotan gelditu zen. Tom poztu zen. Ez zion lo hark okerrik egingo. Bere izu aurpegia lasaitu zen. Bazirudien amets gozoak zituela. Azkenean irribarre bat ere nabaritu zion. Irribarre hark berari ere gogo berriak sortu zizkion. Berak ere behar baitzuen norbaiten animoa. Horrela gauzak, Becky umore onez esnatu zen. Baina, laster itzali zitzaizkion umore guztiak. Eta hala esan zuen: —Nola egin dut hainbesteko loa? Nahiago nuen sekula esnatu ez banintz. Ez iezadazu honela begira. Barkatu. Ez nuen hori esan nahi. Bueno, berriz ez dut esango behintzat. —Lo ona egin duzu eta deskantsatu zara ongi. Orain badakit bidea aurkituko dugula. —Froga dezagun, Tom. Goazen aurrera. Nik nire ametsetan izugarrizko erresuma eder eta xarmant bat ikusi dut. Uste dut harantz goazela. —Beharbada, bai. Beharbada ez. Bueno, Becky, dena dela, goazen berriro aurrera. Abiatu ziren. Baina gero eta animo gutxiagorekin. Zenbat denbora ote zeramaten koba hartan? Ez zekiten behar bezala kalkulatzen. Egun bat? Bi egun? Aste bete? Baina hori ere ezin zitekeen ze kandelak ez baitziren oraindik agortu. Geroxeago Tomek isilik ibiltzeko agindu zion, ze iturri baten beharra baitzuten. Ur tantak entzun nahi zituen. Eta hara, berehala aurkitu zuten bat. Tomek atseden hartzeko ordua zela agindu zuen. Baina Beckyk, ezetz, aurrera segi behar zela. Baina Tomek uko egin zuen. Eseri ziren. Tomek buztin pixka batekin gogortu zuen kandela. Burutapen galantak bazituzten barruan. Isilune luze bat. Eta gero Beckyk: —Tom, gose naiz. Eta Tomek, poltsikotik zerbait ateraz: —Ba al dakizu zer den hau? Beckyk irribarre motel batez erantzun zion: —Gure ezkontzako pastela da, Tom. —Bai, bai! Nahiago nuke kupel bat bezain handia balitz. Beste janaririk ez dugu! —Askariatik hartu eta gorde nuen. Elkarrekin ezkonduko ginela amets egin nahi nuen. Handiek ere amets egiten omen dute. Erdibanatu zuten pastel hura. Beckyk laster irentsi zuen. Tomek bere erdia erdi hozkaka. Han nahiko ur ba- zegoen. Gardena eta garbia. Edan zezaketen nahi haina. Ondoren Beckyk aurrera jo behar zela iritzi zuen. Baino Tom ez zegoen ziur: —Becky, gauza bat esan nahi nizuke. Ez dakit gustatuko zaizun baina... Beckyren aurpegia zurbildu zen. —Zer esan behar didazu...? —Becky, hemen geratu beharrean aurkitzen gara. Oraindik ez dizut esan baina, kandela punta hau besterik ez daukagu. Hemen gutxienez badugu nahiko ur edateko. Becky negar intzirika hasi zen. Zer mina eta nahigabea haren barnekoa! Tomek kontsolatu nahi zuen. Alferrik ordea. —Tom—esaten du gero Beckyk. —Zer da Becky? —Dagoeneko konturatu dira galdu garela eta gure bila ibiliko dira. —Noski baietz, ez ezazu zalantzarik izan. —Ia dagoeneko gure bila dabiltza, ziur baietz. —Oso litekeena da. —Noiz konturatu ote dira galdu garela, Tom? —Baporera itzuli zirenean, noski, iruditzen zait. —Beharbada. Baina ordurako ilundua egongo zen. Konturatu ote ziren ez ginela itzuli? —Ez dakit. Baina, dena dela, denak itzultzean zure ama behintzat konturatuko zen itzuli gabe zeundela. Tomek hitz haiek Beckyrengan izu larriagoa sortu zuten. Ze orduantxe bertantxe konturatu baitzen Becky amarekin izandako hizketaldiaz. Gau hartan lagun baten etxean lotan gelditzeko. Isilune luze bat izan zen. Eta gero berriro, Beckyren malko garratzak. Bazekien Tomek ere zergatik. Haiek galdu zirela konturatzerako, beharbada, hurrengo eguneko goiz erdia pasako zen. Nola kontura zitekeen lehenago ez zuela Harper andrearen etxean lorik egin? Bi umeen begiak kandelari begira geratu ziren. Errukirik gabe bukatzen ari zen. Behatz batzuek falta ziren. Ia batere ez. Azken uneko su urdindua luzatu zen gorantz bereari eutsi nahiaz bezala. Gero kolpean behera ekin zuen ezinean bezala. Kea trinkotzen, atzera jo zuen, eskuin ezkerrera, keinu itoak eginaz. Segidan iluntasunik handiena hedatu zen kobazulo hartan. Zenbat denbora pasa ote zuen Beckyk Tomen magalean etzanda konturatu zenerako? Nork daki. Beharbada asko, gutxi... Beraiei luze iruditzen zitzaien. Amets, lo, zer egiten zuten? Biak aztoratuta esnatu ziren. Heriotz atariak ematen duen beldur dardarez. Tomek, zerbait esan behar eta, dagoeneko haien bila zebiltzala esan zion lagunari. Oihu egitea izango zen onena. Norbaitek entzungo balie... Frogatu zuen. Baina iluntasun hartako harri biziek erantzun mutu eta sor itzuli zioten. Errepika luze batean. Hain beldurgarria iruditu zitzaion, ze berriro ez zuen egiteko ausardiarik izan. Igaro ziren orduak. Eta gose ziren. Tomen pastel erdia besterik ez zen geratzen. Berriro ere zatitu eta jan zuten. Baina hura ez zen aski eta gose gehiagorekin gelditu ziren. Glandulak martxan jarri besterik ez. Gosea ireki... —Ez al duzu entzun...? —esaten du bat-batean Tomek—. Amasa ito zuten eta entzuten jarri ziren. Urrun zarata arin bat edo entzun zitekeen. Tomek segituan erantzun zuen. Buila hura entzun zuten aldera jo zuten tunel batetik jaitsiaz. Gero, berriro entzun zuten eta oraingoan inguru samarrean. —Hemen dira, hemen dira —esaten du Tomek, gure bila datoz. Goazen Becky, goazen, bide onetik goaz eta. Poz ikaragarria sentitzen zuten. Baina kontuz joan beharra zegoen, zeren lurrean putzu asko baitzegoen. Laster haietako bat aurkitu zuten. Sakona zirudien eta hantxe gelditu ziren. Badaezpada ere. Hiruzpalau metro bazituela zirudien. Edo hamar, edota ehun... Etzan zen Tom besoa luzatuaz. Baina ezin azpia jo. Han gelditu beharko zuten. Eta besteak etorri arte zain egon. Entzun zuten. Gauza garbia zen. Haien bila zebiltzan. Baina zarata urrutiratzen hasi zen. Berehala ez zuten ezer entzun. Hura nahigabea! Tomek deitu zuen eztarria urratu arte. Alfer-alferrik. Itxoin zuten baina alferrik. Geroztik ez zuten ezertxo ere entzun. Tom eta Beckyk atzera jo zuten. Berriro iturri aldera. Denbora pasatzen. Berriro esnatu ziren. Goserik. Denbora geldi, oso geldi igarotzen zen han. Zein ordu luzeak! Dagoeneko asteartea izango zen. Tom oso aspertua zegoen. Ideia bat bururatu zitzaion. Alegia, han aspertzea baino hobe zitekeela inguruko pasadizoak aztertzea eta begiratzea. Atera zuen poltsikotik “kometa” baten soka. Lotu zuen zoko batean eta abiatu ziren. Tom aurretik eta Becky atzetik. Zihoazen eran soka askatuaz. Hogei metro pasa bezain laster, amildegi bat antzeman zuten. Sakona zirudien. Berriro ere etzan zen Tom lurrean, ea besoekin hondoa jotzen zuen. Gero eskuinera. Une hartan, hogeiren bat metrotara, gizaseme baten besoa ikusi zuen. Beso hartan kandela piztu bat. Tomek “Biba” oihu egin zuen. Hemen daude. Beso haren atzetik gorputza azaldu zen. Gorputz bat. Gizon batena. Joe indiarra zen. Tom zeharo elbarria balitz bezala geratu zen. Ezin mugitu ere. Harrizkoa balitz bezala. Geroxeago, poztu zen, ez gutxi, mexikarra (Joe, alegia), ezkutatzen ikusi zuenean. Ez ote zuen bada Joek bere ahotsa ezagutu? Harrigarria nola ez zen inguratu desegitera. Auzi hartan esandakoak, ez zituen hark ahaztuak izango eta. Baina, garbi zegoen, ez zion antzeman. Leize zuloak ahotsa zeharo aldatuko zuen. Beldurraren beldurrez, gorputzeko gihar guztiak lasaitu zituen. Atzera iturrira joango zen. Eta ez zen handik mugituko. Ezertarako ere. Ez zion Beckyri ezertxo esan. Buila, badaezpada ere egin zuela eta... kito. Goseak, ordea, ez du barkatzen. Eta han egote hutsarekin ez zen ezer lortzen. Iturri ondoan, ez zegoen zer eginik. Egon ziren eta lo ere bai. Ostera, asmoz aldatu ziren. Hura zen gose amorratua. Zein egun ote zen? Asteazkena, osteguna...? Edo ostirala edo larunbata? Bilatzaileen zaratarik ez zen inondik sumatzen. Beste pasabideren bat aztertzera joan beharra zegoen. Baita Joe bera ikusten bazuen ere. Ez zitzaion jadanik axola. Baina Becky ahuldua zegoen. Barrendik goibeldua. Inorako gogorik gabe. Bertan nahiago zuela hiltzea esanaz... Laster, zalantzarik gabe. Tomi bazterrak miatzeko eskatu zion. Baina izateko kontu “kometaren” sokarekin. Eta noizbehinka itzultzeko haren ondora,. berriren bat ba ote zen edo adieraztera. Azken ordua etortzerakoan bere ondoan egongo zela zin eginarazi zion. Eta azken arnasa ematerakoan bere bi eskuak estu-estu estutuko zituela dena bukatu zela ikusi arte. Tomen eztarrian pilatu ziren txistu guztiak. Irentsi ezinik bezala. Baina oraindik bazuen hark itxaropenik. Hartu zuen soka eta berriro abiatu zen pasabide ilun haietatik. Katuak bezala. XXXII. HEMEN DAUDE, HEMEN DAUDE Astearte ilunabarra zen. Gauak menderatu zuen San Petersburgoko herria. Negarrez. Bi haurren arrastorik ere ez inondik. Hamaika otoitz bero igo zen zerurantz. Alferrik, ordea. Kobatik ez zetorren berri onik. Bilatzaile gehienak itzuli ziren etxera. Eta bakoitzak bere eginkizunari ekin zion. Alferrik izango zen haien bila ibiltzea. Ez zituzten sekula aurkituko. Thatcher andrea gaixo zegoen. Zorakeriak esaten. Haren intziriak. Alabatxoari deitzen zion noizbehinka eta gero berriro maindirepean ezkutatzen zuen bere aurpegi malkoz betea. Izeba Polly eta triste zegoen. Bere ile zurixkak, zeharo zuritu zitzaizkion. Beraz, astearteko gau hartan jendeak, nekatua zegoenez, sakon lo egin zuen. Baina gau erdian, herriko kanpaiak zarata biziari ekin zioten. Une batean kale ilunak jendez bete ziren. Urduri eta pozik zegoen jendea: “Atera denok, atera! Aurkitu dituzte! Aurkitu dituzte! Jendea atera zen, bada, kalera, eta kobarantz abiatu. Oso urrutira joan gabe aurkitu zituzten bi haurrak. Kotxe ireki batean zetozen, jende andana zaratatsu batez inguratuak. Kotxeak kaleetan zehar bere ibilia egin zuen. Argi guztiak piztuak zeuden. Ez zuen inork geroztik lo egin gau hartan. Jende pila joan zen Thatcher epailearen etxera. Han zeuden bi haur galduak. Denak besarkada eta musu. Ama Thatcher, pozik baina negarrari eutsi ezinik. Izeba Polly zeharo zoriontsu sentitzen zen. Eta Thatcher ere bai. Baina bere senarra ez zen etxean. Koban zebilen. Hark oraindik ez baitzekien aurkikuntzaren berri. Tom lasai eserita zegoen. Inguruan jende pila bat zuela. Berak barru hartako berriak esaten zituen. Beti bezala hornituaz eta borobilduaz. Bukaeran zera esan zuen: nola pasa zituen bi pasabide luze luzeak. Soka guztia askatu arte. Gero, poltsikoan zuen hirugarren bat hari erantsi eta aurrera jarraitu zuela. Harantz iristean egunaren argi izpia ikusi zuela han urrutian zulotxo batean. Utzi soka eta ahal zuen moduan harantz joan zela eta nola bere oinetan ikusi zuen Mississipi ibaia, lasai-lasai, bere ur urdinak itsasora eramaten. Gaua izan balitz, ez zukeen halako argitasunik ikusiko. Ezta pasabide haietara berriro itzuliko ere. Joan zen Becky zegoen lekuraino eta adierazi zion aurkitu zuena. Honek ordea, ez zion hasieran sinetsi. Bakean uzteko eskatu zion, bertan hiltzea nahiago zuela eta. Baina, Tomek ezetz, egia zela eta egia zela. Hartu zuen neska eskutik eta eraman zuen argiune hura azaltzen zen lekuraino. Atera zen Tom zulotik, suge antzera arrastaka, eta lagundu zion Beckyri ere gauza bera egiten. Eseri eta negar egin zuten. Geroago gizon batzuk pasa ziren ontzitxo batean. Tomek gertakizunaren berri eman zien. Gizon haiek ezin omen zuten sinetsi, ze kobazulotik bost kilometrotara omen zeuden eta. Gero ordea, ontzitxoan sartu, eta etxe batera eraman zituzten. Han jan eta lo egin zuten ilundu zuen arte. Gero herrira ekarri zituzten. Egunak argitu zueneko, Thatcher epaile jauna eta bere lagunak jakin zuten berri pozgarria. Koban ibiltzeko, soka erabiltzen zuten. Soka hari jarraituaz, aurkitu zituzten bilatzaileak koban, eta eman gertakizunaren berri. Asteazken eta ostegun guztia, gau eta egun, ohean egon ziren neska mutilak. Nekatuta sentitzen ziren. Tomek ere ez zuen uste hain nekatua egon zitekeenik. Ostiralerako Tom zeharo indarberritua zegoen. Becky ordea, igandera arte egon zen ohean. Jaiki zenean ere, bazirudien urte luzeko gaixotasun batetik atera zela. Tomek jakin berri zuen Huck gaixorik zegoela. Ikustera joatea erabaki zuen. Aurrena ez zioten sartzen utzi. Gero, ordea, bai. Baina denbora motzerako. Eta hitz gutxi egiteko agintzen zioten. Douglas alarguna zain egoten zen begira. Ez baitzen Huck nekatzea komeni. Etxean jakin zuen Tomek Kardiff mailoan gertatutakoaren berri. Gero, erreka ondoan itota edo aurkitu zutela gizon arlote zarpatsua. Beharbada itota edo... Bi aste igaro ziren. Tom Huck bisitatzera joan zen. Hau ere sendatu samarra baitzebilen. Bide batez, Thatcher epailearen etxera sartu zen. Nola ote zegoen Becky bere laguntxoa...? Epailea pozik zegoen. Eta oso berritsua. Kobako ipuin guztiak berriro kontarazi zizkion. Ba al zuen berriro harantz joateko asmorik galdegin zion. Asmorik ez zuela, baina ez lukeela problemarik izango, esan zion Tomek. —Bai, bai, mutil hauekin! Zuk bezala pentsatzen dute beste askok ere. Baina zaude lasai. Ez da inor gehiago koba horretan galduko eta. —Zergatik ez, bada, galduko? —Ze, badira bi aste, koba sarreran burdinazko ate bat jarrarazi nuela. Burdinazko plantxak eta guzti jarri nizkion. Eta hiru sarraila. Ea nor den gauza hura irekitzeko. Giltzak, berriz, nik dauzkat etxean. Tom, hori entzutean, zuri-zuri jarri zen. —Zer gertatzen zaizu mutiko? Ia, lagunak, azkar, lagunok, ekarri baso bat ur. Ekarri baso bat ur eta toalla bat! Zer pasa zaio orain berriz mutil honi? Ura ekarri eta aurpegia freskatu zioten. —Mutil, mutil, etorri zaizu zentzua. Baina, zer gertatu zaizu? Zer pasa zaizu, Tom? —Epaile jauna, Joe indiarra kobazuloan dago. XXXIII. JOEREN ZORITXARRA Minutu batzuen buruan berri hura herrian zabaldu zen. Laster, hamabi bat ontzitxo jendez bete, eta kobarantz abiatu ziren. Ireki zuten burdinazko atea. Eta hura ikuskizun tristea. Joe lurrean zegoen. Hilda, atearen zirriztuari begiak josita. Bazirudien bere begiak libertatearen argia azken unera arte begiratu zutela. Errukitu zuen Tomek gizagaixo hura. Bazekien zenbat sufrituko zuen. Baina beste aldetik lasaitu ere egin zen. Ze gizon hari ikaragarrizko beldurra baitzion. Eta epaiketan deklarapen haiek egin zituenetik, ez zegoen lasai. Joeren ondoan labana zegoen, zatibitua. Ate azpiko egurra ebakitzen aritu zen. Alferrik ordea, ze hura ebakita gero, kanpoan harkaitza baitzeukan. Egur hura moztean harkaitzik egon ez balitz ere, alferrik izango zuen. Zeren ate azpitik ez baitzen Joe bezalako gizon bat kabitzen. Berak hori bazekien. Zerbait egiteagatik ezpal bihurtu zuen egur hura. Sarreran, edozeinek ikus zitzakeen bospasei kandela, turistek utzitakoak. Orduan ordea, ez zen bat ere azaltzen. Joek bere gose gogorrean jan zituen. Sagu zahar batzuek ere harrapatu zituen eta irentsi, gordin-gordinik. Gizagaixo hura goserik hil zen. Inguruan estalaktita batek, noizbehinka tantotxo maitekor bat botatzen zion azpiko estalagmitari. Gizaldiz gizaldi egin zuen bezala. Joek, azpiko estalagmitan zokotxo bat egin zuen, goiko tantoa behekoan gera zedin. Tantoak, hiru minutuero erortzen ziren. Beraz egun guztian biltzen zen ura kafe koilaratxo batean kabi zitekeen. Ur tanto hura aspaldidanik erortzen zen. Jesukristo jaio baino lehenagotik. Oraindik ere erortzen da. Eta gero ere, gu hemen gaudenok ez gaudenean ere, eroriko da. Gaur egun edozein turista koba hartara joatean, zera esaten diote bertako gidariek: —Hau da Joek honela eta honela bere egarria asetzeko egin zuen zokotxoa. Goiko ur tantak biltzeko. “Joeren edalontzia” deitzen diote turistek. Leizezulo inguruan lurperatu zuten hiltzailea. Inguru guztiko jendea etorri zen hura ikustera. Handi eta txiki, denak samaldan etorri ziren. Hainbeste denbora pasa baitzen gizon hura epaitu nahi zutenetik! Lurperatu zutenean, ordea, zenbait pertsonari Joeri heriotz ondoko barkamena ematea on zela iruditu zitzaion. Sinadura pila bildu zuten. Batez ere emakumeen aldetik. Emakume hauek Gobernadorearengana joan ziren, heriotz ondoko barkamena eman ziezaion Joeri. —Zuk segi al zenien? —Nik, bai, nik. Baina ez nazazu salatu. Joek ere izango zituen bere lagunak eta beldur naiz. Neregatik izan ez balitz, gaur egun Texasen egongo zen lasai-lasai. Huckek orduan, abentura guztia esan zion. Tomek ez zekien erdia besterik. —Zalantzarik ez dago —esaten du Huckek. Whisky hura tabernan jaso zutenek, dirua ere jaso zutela. Hala iruditzen zait behintzat. Edo ez dakit... Nik ez dut ikusi behintzat. —Egon lasai, Huck, diru hori ez dago “2 zenbaki” horretan sekulan egon eta. —Eta zuk zer dakizu? Tom, zerbait ba al dakizu, ba, honetaz? —Kobazuloan dago, Huck. Kobazuloan. Eta Huckek: —Bai ote? Eta nola dakizu? —Diru hori koban dago. Eta kito! Joek bospasei bizilagun hil zituen bere bizitzan. Baina zer axola zitzaion? Hilda zegoen, eta nola gero...? Beraz, harentzat barkamena lortzea bidezko gauza izan zitekeen. Hurrengo egunean Tomek paseo bat ematera gonbidatu zuen Huek bere laguna. Huckek jakin berria zuen Tomen abentura xelebre hura. Baina bazegoen zerbait tartean inork ez zekiena. Eta honetaz hitz egin nahi zuen Tomek Huckekin. Huck harritu zen: —Badakit zer esan behar didazun. “2 zenbakira” joan zinela eta ez zenuela whisky besterik aurkitu. Inork ez dit esan zuk esan zenidanik. Baina, pentsatu nuen zu besterik ezin zitekeela izan. Eta era berean, badakit ez zenuela dirurik aurkitu. Ze, bestela, nolabait jakin eraziko zenidan eta. —Tom, beti izan dut errezelo hau, diru hori ez dela behin ere gure eskuetara etorriko. Eta ikusi orain... Segi bai, egin nien behin, baina... —Baina, Tom, txantxetan ala benetan ari zara? —Benetan ari naiz. Bene-benetan. Nahi al duzu nirekin etorri? Bien artean aterako dugu. —Nola ez bada...! Baina ez al gara galduko? —Ez, ez, ez gara galduko. Orain badakit koba haren berri. —Hori oso ondo dago. Eta nola dakizu zuk han dagoela diru hori? —Ez iezadazu ezer galdetu. Ez badugu aurkitzen zuretzat nire atabala eta nire gauza guztiak. Nere hitza ematen dizut. —Hori da, hori da gizonki mintzatzea. Noiz joango gara? —Segituan, nahi baduzu? Indartuta al zaude? —Oso barruan al dago? Izan ere, hasi naiz etxetik irteten baina oraindik... ez naiz gauza asko ibiltzeko. —Huck, jendea ibili ohi den bidetik bost kilometro daude. Baina badago hor bidezidor bat nik ezagutzen dudana. Haraino ontzitxo batean joango gara. Ur korronteak berak eramango gaitu. Aski dut itzultzerakoan arraun pixka bat egitea. Ez duzu ia mugitu beharrik ere izango. —Aurrera, bada. Ez dezagun minuturik galdu. —Ez dugu gauza askoren beharrik. Zakutxo batean soka ugari hartuko dugu, badaezpada ere. Pospoloak eta kandela batzuek ere bai. Janari pixka bat ere beharko dugu. Ez asko. Ogia, pipa batzuk. Nahiko dugu. Bazkalondoan abiatu ziren. Auzoko baten ontzitxoa hartu zuten. Nagusia kanpoan zela, eta emazteak utzi zien. Laster jaitsi ziren behera. Eta gero Tomek: —Begira iezaiozu harkaitz trinko horri. Kobazulotik honaino itxura berdina dauka. Hor ikus ezazu seinale zuri bat. Begiratu hor. Lubizi bat dago ondoan. Bada, nik egindako seinale bat da hori. Hantxe lurreratu ziren. Eta orduan Tomek: —Huck, hementxe dago inork ezagutzen ez duen kobazulo ezezagun bat. Ea aurkitzen duzun. Huck saiatu zen. Baina alferrik. Ez zuen arrastorik aurkitu. Orduan Tomek, zuzendu zituen bere begi eta besoak sastraka batzuetara eta esaten dio: —Hementxe dago! Hementxe dago! Begiratu Huck. Munduko zulorik politena da. Aspalditik lapur izan nahi nuen. Baina ez nuen gordeleku bikainik aurkitzen. Orain badugu, badugu. Baina ez gero inori esan. Asko jota, Joe Harper eta Ben Rogers lagunei. Beste inori ez. Zeren, kuadrila bat antolatu behar baitugu. “Tom Sawyerren kua- drila” deituko diote. Zer iruditzen zaizu Huck? —Oso ondo, oso ondo. Baina nori lapurtuko diogu? —Mundu guztiari. Oinezkoei. Horrela egiten dute beste lapurrek. —Eta zer egingo dugu? Hil egingo al ditugu? —Beno, baina, beti-beti ez. Lehenengo koban preso edukiko ditugu. Gero aska-saria ordaintzen dutenean... —Zer da aska-saria? —Zer izango da bada? Preso bat askatzeko eman behar den saria. Eta urtebetean ordaintzen ez badute, bada, orduan akabatzen duzu. Baina bitartean, ez. Noski, emakumeak ez dira hil behar. Preso jartzen dituzu. Baina minik egin gabe. Itsusiena ere, ez da hain itsusia izaten. Eta hain egoten baitira izutuak! Aaa! hori bai, bere erloju eta bitxiak, horiek guztiak kentzen dizkiozu. Lapurrak oso heziketa oneko pertsonak izaten dira. Hala esaten dute liburuek. Askotan emakume hauek zutaz maitemintzen dira. Eta orduan, nahita ere, ezin dituzu kobatik bidali. Eta botatzen badituzu, ostera atzera itzultzen dira. Hala diote liburuek. —Arraio, zer polita den guzti hori! Hau hobea izango da, pirata izatea baino. Gainera, hemen etxe ondoan gaude. Egunen batan, zirkoa herrira etortzen bada, joan zaitezke. Bitartean, tresnak prestatu eta leize zulora sartu ziren. Tom aurretik. Kobaren mutur bateraino joan ziren. Han, Tomek, soka muturra bazter bati lotu zion eta aurrera jo zuten. Pixka bat aurrerago iturri ezagunarekin topo egin zuten. Tomi dar-dar larri bat sortu zitzaion. Han zegoen kandela muturra, zeharo gastatuta. Ondo ikusi zuen Tomek hura itzaltzen. Handik aurrera ahotsa ere jaitsi zuten. Benetan errespetua sortzen zuen hango iluntasunak. Hartu zuten beste bide bat eta berehala amildegiraino iritsi ziren. Baina ez zen hainbesteko amildegia. Zabal samarra izan arren, ez zen sakona. Buztina zeukan gogotik han behean. —Gauza bat erakutsi behar dizut Huck —esaten dio Tomek. Altxa kandela eta esaten dio: —Begira ezazu han urrutira. Ikusten al duzu hura? Han urrutian, harkaitz handi hartan, kandela kearekin egin- dako zerbait? —A, bai! gurutze bat da. —Ondo da, non dago “2 zenbakia”? Gurutzearen azpian, ez da? Han ikusi nuen Joe indiarra kandelarekin. Hura ikusita gero, Huckek esaten dio besteari: —Goazen Tom, hemendik. Beldurra sartzen hasi zait eta. —Zer, zer? Alde egiteko hemendik, zergatik ordea? Eta altxorra hemen utzita? —Apostu egingo nuke Joe indiarraren anima hemen inguruan dabilela. —Ez da posible, Huck. Ez da posible. Hemen ez, leize zuloaren hasieran ibiliko da. Han, hil zen inguruan. —Ez, Tom, han ez. Hura diruaren inguruan ibiliko da. Badakit nik gero, non ibiltzen diren espirituak. Tomek, zera zioen bere golkorako: —Arraioa, behar bada honek arrazoia dik! Eta errezeloa handitzen hasi zitzaion. Baina berehala erantzun zion Hucki: —Zein tontoak garen, Huck! Espirituak ezin daitezke gurutze baten ondoan ibili. Egia zen hura. Lehenago ez bururatzea ere... —Ez zitzaidan burutik pasa ere, Tom. Baina halaxe da. Gurutze hau gure salbabidea izan daiteke. Bueno ba, has gaitezen kaxa hori bilatzen. Buztina gogorra zen. Eta Tomek eskailera baldar batzuk ebaki zituen. Jaitsi ziren behera. Harkaitzaren azpian lau kobazulo zeuden. Hiru begiratu zituzten. Alferrik. Laugarrenean, harkaitzaren oin oinetan zegoen zuloan, ohe antzeko zerbait topatu zuten. Tirante zahar bat, urdai azala, hegazti hezurrak. Baina han ez zegoen kaxarik. Jo hemendik eta jo handik. Han ez zegoen kaxarik. —Bada, Joek, gurutze azpian esan zuen. Eta hau da gurutzearen azpi-azpia. Ez da noski, harkaitz barruan egongo. Harkaitza mugitzen ez zen ibiliko, uste dut. Berriro ere ekin zioten bilaketari. Azkenean desanimatu egin ziren, ordea. Huckek ez zekien zer esan. Eta Tomek: —Begira Huck, harkaitzaren alde horretan, hanka markak daude buztinetan. Eta ondoan argizari tantoak. Eta beste lekuetan ez da horrelakorik ikusten. Nola daiteke hori? Harkaitz horren azpian ote dago bada altxorra? Buztina aitzurtu dezagun. —Ez da ideia txarra, Tom. Beharbada, beharbada. Hasi ziren jo ta ke. Metro erdi bat egin zuteneko, egurren batekin topo egin zuten. —Huck, Huck, entzun al duzu hori? Garbitu zuten gaina. Ohol batzuk ziren. Ohol haiek arroka barnera zihoan beste zulo bat disimulatzen zuten. Kendu oholak eta sartu zen barrura Tom. Aurreratu zuen kandela. Baina ez zen zuloaren bukaera ikusten. Beraz, aztertzera joan beharra zegoen. Makurtu eta abiatu zen aurrera. Goitik behera zihoan bidea. Lehenengo eskuinera, gero ezkerrera. Huck bere atzetik. Bide buelta bat eman ondoren, oihu egiten du Tomek: —Huck, hemen dago! Huck hemen dago kaxa! Bai ba, hantxe zegoen altxorraren kaxa. “Amabirjinak” eta edukitzeko izan ohi diren moduko horma zulo batean. Ondoan polbora kupel huts bat. Bi edo hiru mokasin pare. Larruzko gerriko bat, eta beste zenbait huskeria. —Azkenik, Tom, azkenik, gurea da, gurea da! Eta hatzaparrak urre piletan sartu zituen. Ezkotuak, hezetasunez beteak zeuden. Baina egiazkoak ziren. Aberatsak gara, Tom, aberatsak! —Nik ez nuen itxaropena galtzen. Eta ikusten duzu? Hara, gurea da. Beno aizu, ez dezagun denborarik alferrik gal hemen barruan. Ikus dezagun zenbat pisatzen duen. Hogeita bosten bat kilo pisatzen zuen. Tomek, nolabait baina altxa zuen. Baina ezin zuen behar bezala eraman. —Ez zaio axola —esan zion lagunari. Hori ere pentsatua bainuen. Ikusi genuen lehen ere asko pisatzen zuela. Hementxe dauzkat bi zakutxo hauek. Sar dezagun hona dirua. Dirua zakutan sartu zutenean, jo zuten gora, gurutze aldera. Eta Huckek: —Goazen orain fusilak ere hartzera. —Ez, Huck. Hori ez. Horiek gero ere beharko ditugu lapurrak egiten garenean. Hor utziko ditugu. Badakigu non dauden. Eta hor ospatuko ditugu gure parrandak ere. Oso leku egokia ematen du horretarako. —Eta zer dira parrandak? —Nik ere ez dakit ziur. Baina lapurren liburutan, askotan azaltzen da “parranda” hitz hori. Haiek parrandak egiten badituzte, guk ere bai, egingo ditugu. Beno, goazen orain, gose amorratua dut eta. Txalupan jan eta erreko dugu. Laster atera ziren kanpora, sastraka tartean. Begiratu zuten ingurua, badaezpada ere. Han ez zegoen bizidunen arrastorik. Iritsi ziren txalupara eta jan eta erre zuten nahi hainbat. Eguzkia ezkutatzen hasi zen unean, ekin zioten itzulerari. Handik laster ailegatu ziren. Eta lurreratu ziren. —Orain, zera egingo dugu —zioen Tomek. Gure altxorra alargunaren lastategiko ganbaran ezkutatuko dugu. Bihar elkartuko gara eta kontatuko dugu. Erdibana egingo dugu guztia. Gero leku hobeagoren bat aurkitu beharko dugu. Zaude zu hemen eta zaindu zakuak. Bitartean ni karretilaren baten bila noa. Laster itzuliko naiz. Itzuli zen karretila zahar batekin. Jarri zituzten han bi zakuak. Gainetik trapu zahar batzuk, disimulatzeko. Galestar jaunaren etxe inguruan atseden hartzeko gelditu ziren. Abiatzera zihoazen unean, galestarra irten zen eta esaten du: —E...! Nor dago hor? —Huck eta Tom Sawyer! Zer bada? —Zein ederki! Etorri, mutilak, etorri nirekin. Denak zuen zain daude eta. Utzi niri karretila. Nik eramango dut. Zer daramazue? Adreiluak ala burdina? —Burdin zaharrak —erantzun zion Tomek. —Ez naiz harritzen. Herri honetako mutilek nahiago dute burdin zaharrak bildu eta saltzen, zerbait irabazi, txatarrazaleak bezala, lanean normal aritu baino. Baina zer egingo dugu bada... Horrelakoak gara gizonak eta. Mutilek galdegin zioten, zertarako nahi zituzten haiek. —Egon lasai, egon lasai. Laster ikusiko duzue Douglas alargunaren etxean. Huckek, ordea, beldur baitzen, zera erantzun zion: —Jones jauna. Ez dakit zer esan nahi duzun. Baina guk ez dugu ezer txarrik egin. Eta galestarrak barrez: —Hori da nik ez dakidana, Huck. Baina, zaude lasai. Ez al zarete ba adiskide onak, zu eta alarguna? —Bai. Bera nirekin ona izan da, behintzat. —Orduan zergatik beldurtzen zara? Baina ez zen zeharo lasaitu. Igoarazi zituzten Douglas alargunaren egonlekuraino. Karretila, berriz, sarreran gel- ditu zen. Eta haien atzetik igo zen. Gela goitik beheraino apaindua zegoen. Herri jende nagusiena bertan zelarik. Han zeuden Tatcher senar emazteak, Harper sendikoak, Roger familia, izeba Polly, Sid, Mary, ministro bat, egunkari baten zuzendaria, eta beste jende asko. Denak goitik behera jantzi berriekin. Alargunak poz handienarekin hartu zituen bi zarpatsu haiek. Ez zen gero nolanahikoa bi haien itxura! Goitik behera buztinez eta kandela tantoz zikinduak. Izeba Polly lotsatu zen bere iloba egoera hartan ikusita. Baina larrienak bi mutilak zeuden. Zer egiten zuten leku hartan, trapu zahar haiekin eta beste guztiak hain apain jantzita? Zer lotsa! Eta altxorra karretilan? Edozeinek era- manda ere! —Tom itzuli gabe zegoen —esaten du galestarrak. Baina halako batetan nire etxetik igarotzen ikusi dut Huckekin batera. Besterik gabe hartu eta ekarri ditut. Beraz, ez dute txukuntzeko astirik izan. —Oso ondo egin duzu, gizona —erantzun zion alargunak. Gero gela batera eraman zituen: —Garbitu eta jantzi zaitezte. Hemen badago zuen moduko mutilentzat jantzia: galtzerdi, alkandora, zapata eta abar. Jantzi eta txukundu zaitezte berehala. Zuentzako erosi genituen. Behean zuen zain egongo gara. Hori esatean alargunak alde egin zuen gelatik. XXXIV. ZER URRE PILAK! —Nahiago nuke soka bat topatuko banu. Leihotik zintzilik jarri eta alde egingo nuke. Lurra gertu dago eta ez litzateke hain zaila izango! —Zer txorakeriak! Zergatik alde egin nahi duzu? —Ez zaizkit hemengo lerdokeriak gustatzen. Hainbeste jende harro, gezurrak esaten. Ez zait batere gustatzen. —Ez zaitez zoroa izan. Hori ez da ezer. Niri ez zait batere axola. Egon lasai. Ez zaizu ezer gertatuko eta. Orduantxe Sid azaldu zen. —Tom —esan zuen, izeba Polly zure zain egon da arratsalde guztian. Maryk igandeko jantziak prestatu zizkizun. Baina ez zinen etortzen eta kezkatuak geunden. Aizu, eta zer duzu zure jantzian? Ez al da lokatza eta argizaria? —Sid, begira. Zergatik egiten dituzu hainbeste galdera zoro? Zergatik ez zara zeure alkandoran kabitzen? Eta orain esan iezadazu: zer dela eta da gaurko festa hau? —Alargunaren ohiturak dira. Noizbehinka honelako jaialdiak ematen ditu. Badakizu, bere alarguna alaitzeko edo... Gaurko hau, galestarra eta bere semeen omenez prestatu du. Badakizu nola lehengoan salbatu zuten. Eta nahi baduzu beste gauza bat ere esango dizut. —Zer gauza? —Bada, galestar horrek, Jones jaunak, sorpresa bat eman nahi du gaur. Sekretua omen da. Baina mundu guztiak daki. Alargunak berak ere bai. Ezezko itxura egin arren. Jonesentzat nahitaezkoa zen Huck hemen egotea gaur. Huck gabe ezin baitzuen sekretua adierazi. —Zer sekretu, Sid? —Zera, alegia: nola Huck joan zen lapurren atzetik alargunaren lur sarreraino. Jendea harritu egingo dela iruditzen zaio galestarrari. Baina inor ez da harrituko, zeren denek baitakite. Eta Sid barre algaraz hasi zen. —Baina nork esan dio jendeari? Zuk esan al diozu? —Zer axola zaio nork esan dion jendeari? Norbaitek esan du, eta nahiko da. —Sid. Zu izan zara hori jende artean zabaldu duena. Hara, egia esateko, miserable bat besterik ez zara. Hori, miserable eskas bat. Herri guztian ez dago besterik zu baino eskasagorik. Zu Hucken larruan egon izan bazina, oilo koldar odolgabeko bat bezala gordeko zinen. Baita kaketan ere, beldurraren beldurrez. Baina... zu halakoxea zara... Ez duzu gutxieneko kategoriarik . Ba al dakizu zer merezi duzun? Tori —eta masaileko pare bat eman zion. Gero ostikoka bidali zuen handik. Geroxeago denak afaltzera eseri ziren. Jende larria alde batetik, haurrak bestetik. Une egokia iritsi zenean, Jones jauna bere hitzaldia ematen hasi zen. Bai, bai, bere semeak eta ez dakit zer. Baina bazegoen han beste bat... beste bat... Eta halako itzal eta inguru tartean bota zuen sekretua. Hucken eginkizun famatu hura. Baina jendea ez zen harritu. Baina alargunak disimulatu zuen eta ikaragarri harritu izan balitz bezalako itxurak egin zituen. Mila esker, eta ez dakit zenbat gauza eman zizkion Hucki. Douglasek seme ordeko bezala hartu nahi zuen Huck. Hala esan zuen. Etxean biziko zela beraiekin. Heziketa on bat emango ziola. Diru pixka bat aurreratzen zuenean, negoziotan ibiltzen erakutsiko ziola eta abar. Tom ez zegoen isilik egoteko, eta hauxe erantzuten dio: —Huckek ez du horrelako laguntza beharrik. Huck aberatsa da eta. Jendeak nahiko lan izan zuen barre- algara disimulatzen. Baina ezpainak estutu eta ez zuen barrerik egin. Isilik gelditu ziren. Tom, ez zen jendearen erantzun faltsu harekin pozik gelditu. Eta berriro: —Huckek badu nahi hainbat diru. Badakit ez duzuela sinesten. Baina ez zaio axola. Egia da eta. Ez, ez, ez barrerik egin. Uste dut frogatu dezakedala. Zaudete, zaudete minutu bat. Atera zen Tom korrika. Denak harrituta zeuden, bata besteari begira, zer gertatuko zain. Gero Hucki begiratu zioten. Ez zuen hitzik ere esaten. —Sid, zer gertatzen zaio Tom horri? Beti gauza xelebreak egin behar ditu. Ez dakit nik, ez dakit... Azaldu zen, bada, Tom, bi zaku astunak eskutan zituela. Eta mahai gainean bota zituen urre pila guztiak esanaz: —Zer? Sinisten al duzue? Bai ala ez? Erdia berea da eta beste erdia, nirea. Denak harri eta zur gelditu ziren. Hitzik gabe. Mutu. Hura zen gero urre pila. Hango inork ez zuen behin ere hainbeste urre batera ikusi. Nondik sortu zuten jakin nahi zuen jendeak. Tomek esplikatuko ziela agindu zien. Eta baita egin ere. Luzea baina benetan interesgarria. Jendeak arnasari ere eusten zion kontakizun hari jarraitzeko. Bukatu zuenean, zera esan zuen Jones jaunak: —Nik sorpresa bat prestatu nuen gaurko. Baina orain ez du ezertarako balio. Oraingo hau bestea baino handia izan da. Bertan kontatu zuten dirua. Hamabi mila dolar eta gehiago. Inork inoiz ikusi zuen diru pila baino gehiago . Eta han bazeuden aberatsak. Baina gauzetan, ez dirutan. Esan beharrik ez dago zer zirrara sortu zuen berri hark herri txiki hartan. Gezurra zirudien hainbeste diru batera egoteak ere. Inguru hartan ziren mamu etxe guztiak aztarrikatu zituzten. Ez zen ohol bat bestearen gainean gelditu. Ez mutil koskorrak bakarrik. Jende larri asko ere ibili zen eginkizun horretan. Tom eta Huck ziren herri hartan pertsonaia miragarrienak. Haiek ziren nagusi jaunak bezala. Haiek esandakoa errespetuzko hitza zen. Lehen kaka putza izan arren. Haiek egindakoa, eredu. Haiek ez ziren edozer gauza esateko dira. Haiek esandakoa, beti zen garrantzizkoa. Odol urdinekoak ote ziren ere esan zuten. Errege odolekoak edo horrelako zerbait. Egunkariak bi mutilen bizitza eta mirari guztiak hitzez hitz azaldu zituen. Douglas alargunak bere gain hartu zuen Hucken dirua. Inbertsio on bat eginez, ehuneko 6an jarri zien. Izeba Pollyk ez zekien zer egin eta Thatcher epaile jaunari eskatu zion, inbertitu zezala. Beraz, mutilek, eguneko izugarrizko errenta bikaina eskuratzen zuten: dolar bana aste barruan eta erdia igandetan. Garai hartarako asko baitzen hura. Dolar bat aski zen aste guztiko janari, etxe eta heziketa kontua egiteko orduan. Jantzi eta garbitu ere, hortxe nonbait. Thatcher jaunak asko goratzen zuen Tom mutikoa. Ez zen edonor. Bestela ez zuen kobatik bere alaba aterako. Becky ere oso Tomen alde zegoen. Azaldu zion aitari zer nolako zigorra hartu zuen eskolan bere erruz. Aita dena bigunduta gelditu zen. Halako mutilik! Thatcher jaun haren iritzian, Tom delakoa ez zen gero ere nolanahiko pertsonaia izango. Legegizon, gudari handi bat edo... Hura norbait izango zen. Ez zegoen zalantzarik. Eta berak lagunduko zion. Huck geroztik Douglas alargunaren etxean bizi zen. Aberatsa zen mutila eta aberatsei zegokien itxurazko heziketa hartu behar zuen. Berak lagunduko zion. Huck ez zegoen batere gustura. Alargunaren morroi eta neskameek ez zioten zikintzen ere uzten. Berak garbitu, orraztu, ia jantzi, oheratu eta abar... Sartzen zuten maindire garbiegien artean. Inon puskaturik edo orbanik ez zuten maindire tartean. Jatean ere labana eta tenedorea erabili behar. Aho zapia lepoan, basoa, platera, liburutan ikasi, elizara joan. Hitz egiterakoan ere kontuz esan behar ziren hitzak. Ez zen libre edozer gauza esatea. Noranahi begira jarrita ere, itxurazko heziketa hark, kateak eta trabak ipintzen zizkion. Hiru aste pasa zituen egoera hartan. Baina ezin zuen gehiago. Eta halako batean ihes egin zuen. Alarguna bere bila ibili zen bi egunen buruan. Jendea kezkatu zen. Hirugarren egunean, Tom Sawyerrek aurkitu zuen. Hain zuzen, bazekien Hucken ohitura zaharren berri. Joan zen “hiltoki” atzeko kupel hutsen tartera. Han zegoen iheslaria. Han lo egin zuen. Gosaldu zuen lapurtu zuenetik. Eta pipa erretzen ari zen. Berriro ere arropa zaharrez jantzi zen. Haiekin pozik eta gustura sentitzen zen. Arropa berriekin, ostera, gaizki, egonezinez. Tomek berriro alargunaren etxera itzultzeko eskatu zion. Oso kezkatua zegoela eta. Baina Huck oso triste jarri zen: —Ez iezadazu horrelakorik esan, txantxetan ere! Neuk nire larruan frogatu dut. Bizimodu hori ez da niretzat egina. Ezin dut eraman. Goizero ordu berean jaiki, garbitu, orraztu... Begira, nazka gehiegi ematen dit. Ez dit ohetik kanpo inon lo egiten uzten. Jantzi alu horrek ito egiten nau. Haizea faltako balitzait bezala. Ezin naiz lasai eseri, lurrean etzan, lurrean arrastaka ibili. Gogoak ematen didana egin. Ezin dut. Gero elizara joan, gezurrak entzun. Aspertuta nago, aspertuta. Ezin dut eulirik harrapatu, ezin dut ezer egin. Igandero zapata berri eta garbiekin ibili behar naiz. Kanpaia jotzen dute jaterakoan. Kanpaia jotzen dute jaikitzerakoan. Dena neurtuta dago. Desesperagarria da, benetan. —Baina zer uste duzu zuk, Huck? Besteok ere horrelatsu bizi gara! —Eta zer? Hori ez zait niri axola. Ni ez naiz besteak bezalakoa. Ezin naiz izan. Nik ez dut katepean ibili nahi nire bizian. Arrantzara joateko baimena eskatuaz, igeri egitera joateko baimena eskatuaz, ipurdia garbitzeko ere baimena eskatuaz. Urka nazatela, orduan, nahiago dut. Azkeneko egunetan, ganbarara igotzen nintzen. Ba al dakizu zertara? Ba... birao batzuk botatzera... Bestela lehertuko nintzen alde guztietatik. Ez dit erretzen uzten, ez dit builarik egiten uzten, ez dit aharrausika egiten uzten, ez hazka egiten, ez milizkatzen... Eta Jaungoiko maitea..., egun guztian errezatzen ari da. Ez dut halako atsorik ikusi. Alde egin beharra izan dut, Tom. Uler ezazu, Tom. Ez nuen beste biderik ikusten. Begira, Tom, aberatsa izatea ez da hain atsegina. Izorrapena galanta da. Orain gauza bat egin behar duzu, gero beste gauza bat, beti izerditan. Nahiago dut hiltzea. Hau da nire etxea, kupel hau, hauek dira nire jantziak, trapu zahar hauek. Hauen artean bizi nahi dut. Diru hori ez balitz, ez nuen hain gaizki pasako. Beraz, Tom, nire diruak zuretzako. Hartu zuretzako. Noizbehinka eman iezadazu durotxo bat eta aski dut. Orain goazen, eta eman eskumuinak alargunari. —Huck, badakizu ezin duzula hori egin. Ez legoke ondo egina. Gainera, bizitza horretan jarraituko bazenu, gero politagoa irudituko litzaizuke. —Politagoa...! Ez dut uste. Ez dut ikatz piztuaren gainean eserita egon nahi. Eta kito! Ez dut aberatsa izan nahi. Basoa maite dut, kupel zahar hau, ibaiak, haien artean biziko naiz hemendik aurrera. Madarikatu alaena! Kobazuloa ere bagenuen, fusilak ere bai, lapurrak izateko gauza bereziak. Eta orain horrelako saltsa gertatzen zait. —Huck —esaten dio Tomek—, ni aberatsa izan arren, berdin-berdin izango naiz lapur. —Benetan esaten al duzu hori? —Horixe baietz. —Baina, Huck, gure kuadrilan sartzeko jatorra izan behar zara. Bestela ez dizugu sartzen utziko. Eta Huckek triste: —Zergatik ez didazue sartzen utziko, ba? Itsaslapur izatekoan onartu ninduzuen ba...! —Baina, ez da gauza bera. Lapurra, pirata baino kategoria gehiagokoa gizona da. Leku batzuetan herriko nobleenak izan ohi dira. —Aizu Tom. Ez al gara beti lagun onak izan? Orain ez nauzu noski, kuadrilatik aparte utziko, ez da? —Ez nuke nahi, eta ez dut nahi benetan. Baina, zer esango luke jendeak? Zera esango luke: Tom Sawyerren kuadrila. A ze nolako desastrea! Eta zuregatik esango lukete. Eta hori... Huck isilik gelditu zen. Barruan borrokan. Eta gero: —Ondo dago. Joango naiz, bada, alargunaren etxera. Eta beste hilabete igaroko dut han. Baina gero, lapur taldean sartzen uzteko baldintzarekin. —Oso ongi Huck, horrela hitz egiten da. Goazen alargunarengana. Esango diot nik ez izateko zurekin hain zorrotza eta estua. —Esango al diozu, Tom? Ba, oso ondo. Berak diziplina hori gutxitzen badu, nik egingo dut bestea. Askatasun pixka bat ematen badit, ganbarara igoko naiz biraoak botatzera, eta ezkutuan erreko dut. Bestela lehertuko naiz. Noiz osatuko dugu lapur talde hori? —Laster. Beharbada gaur gauean bertan egin dezakegu lehenengo bilera nagusia. —Bilera hori zertarako? —Lanean hasteko. —Nola egingo dugu hori? —Ba, hasieran zin egin behar izaten da. Ez dituzula ezergatik lagunak salduko, ez dituzula taldearen ezkutuak esango eta abar. Gauza guztien gainetik, familiaren gainetik, taldearen interesak geldituko dira. —Zein ondo, zein ondo konponduko garen gure artean! —Horixe baietz. Zin horiek gauerdian egin behar izaten dira. Lekurik ilunenean eta beldurgarrienean. Mamu etxe bat izaten da egokiena. Baina orain denak azpikoz gora daude, hondatuak. —Ez zaio axola. Gauerdian, leku beldurgarri batean zin egiteak, gauza bitxia eta zirikagarria dirudi. —Horixe baietz. Eta gainera, zerraldo baten gainean egin behar da, eta norbere odolarekin izenpetu. —Hori, hori. Hori garrantzizko gauza da. Itsaslapur izatea baino askozaz bikainagoa. Alargunaren etxean egongo naiz, usteldu arte, nahi baduzu. Eta gero lapur bihurtuko naiz. Eta inguru guztiko lapur talderik beldurgarriena izango gara. BUKAERA Hemen bukatzen dugu oraingoz. Mutiko baten istorioa da hau. Eta ezin dugu jarraitu. Bestela gizon bihurtuko litzateke eta. Gizonen nobela guztiak, gauza berdinetan bukatzen dira: azken finean ezkontzan. Baina mutikoen istorioak direnean, non moztu? Ahal den tokian. Hemen azaltzen diren hamaika gizaseme bizi dira oraindik. Aberatsak eta zoriontsuak dira. Beharbada egunen batean, gazteen istorioren bat kontatuko dizuet. Lehen mutiko zirenak, zer nolako gizon eta emakume bihurtu ziren. Edo antzeko zerbait. Baina oraingoz, bego honetan gure istorioa.
AURKIBIDEA HITZAURREA OTSOA ALKIMISTA NAFARROAKO ENRIKE II.aren GORTEAN EKAITZAREN ZURRUNBILOAN JOAKINTXOREN HARMONIKA AITAÑI ALLANDEREN AZKEN BIDEA ARTZAINAK BORTÜETAN GUDARIAK LUBAKIETAN MAINGUAREN ZIGARROAK HITLER HENDAIAKO GURUTZEAREN AURREAN ELURRETAN HARRAPATURIK IKARA ATAUNERAKO AUTOBUSEAN ERREPIDEAK ERRAMAN ZUENA LURRAREN DEIA PATXI HONDARRA ZERUAN FRONTOIRIK BA OTE? HERIOTZA ARTEKO UZTARKETA INTSAUSTITARREN IBILERAK PIRINIOETAN BARNA SOR MARGARITAREN BELAR INFUSIO MIRESGARRIA HILERRIKO HEROTSAK FERNANDEZ, NON HAGO? INTERNETEN AROAN STRIP-TEASE GAUA HITZAURREA Bizitzaren aldi guztietan badira hitzordu eta bilgune diren momentu eta lekuak, eta momentu hauek izaten dira osotasun baten islarik trinkoena, errealena, hoberena… beraiek baitira bihotz eta ardatz, helmuga eta abiagune, odol eta arnas, osotasun-printza eta laburbiltze-ezpal. Horixe bera gertatzen da liburuekin. Badira hastapen direnak, jarraipen eskatzen dutenak, errealitatea gordintasun osoz azaldu nahi digutenak, irudimen-zulo direnak… baina guzti-guztietan bada zer kontatu, zer irakurri, zer iradoki, zer amestu… azken finean, bizitza beraren pasarteak edota bizierak baitira. Gure Euskal Herri zahar berri honetan hitzorduak eta bilguneak ugari dira. Han eta hemen, gure geografia osoan aurki daitezke. Aro eta aldi guztiek beraienak izan dituzte. Gure historiaren momenturik latzenetan, ilunenetan, kalapitatsuenetan ez zaizkigu inoiz faltatu, eta gaur egungo labirinto itsuan, etorkizunik gabeko orainean ere, ez ditugu ments. Leku eta une aunitz har daitezke Euskal Herriko edozein bazterretan, edozein lurraldetan, edozein zokotan; Bizkaian, Nafarroa garaian edota Zuberoan; Goierrin, Amikuzen edota Erriberan; Bilbon, Donostian edota Maulen; Oionen, Burlatan edota Eskiulan… Nik liburu honetako hogeita bat istorioak biltzeko Hendaiako tren-geltokia hautatu dut, bertatik egunero honanzko eta haranzko bideak urratzen direlako, bertatik bizitzaren alde orotara bidaiatzen diren trenak abiatzen direlako eta bertako itxaro-gune eta bagoietan egunero makina bat biziera gauzatzen delako. Norberak ikusi beharko du leku egokia denentz, denok Hendaiako tren-geltoki ezberdin bat baitugu geure buruan, eta denok modu ezberdin batez irakurtzen baitugu bizitzaren liburua. OTSOA ALKIMISTA NAFARROAKO ENRIKE II.aren GORTEAN 1512ko uztailaren azken egunetan, espainiar armada Nafarroako lurretan barrena sartu zen erresuma konkistatzeko asmoz. Joan Albreteko eta Katalina Foixeko errege-erreginek Iruñea utzi behar izan zuten eta Biarnoko Orthezera igaro. Bertatik bai Erregek eta bai berekin zegoen Nafarroako Pedro mariskalak1 erresistentzia antolatu zuten. Urte bereko urrian saiatu ziren nafarrak erreinua berreskuratzen, frantses gudarosteak lagunduta, baina huts egin zuten. 1516an nafarrek Amikuze, Oztibarre eta Garaziko lurraldeak askatu zituzten, baina Joan Albretekoak ezin izan zuen Donibane Garazi hiria hartu. Bitartean, Pedro mariskala Erronkaritik barrena sartu zen Nafarroa Garaian. Zoritxarrez, espainiarrek garaitu eta preso hartu zuten. Orduz geroztik, Simancas-eko kartzelan eduki zuten erail zuten arte. Nafarren etengabeko matxinadak ikusirik, espainiarren estatu-burua zen Cisneros kardinalak Nafarroako gazteluak birrintzeko agindua eman zuen. Urte berean hil zen Joan Albreteko Nafarroako legezko erregea, eta handik gutxira erregina, Nafarroa askatzeko ametsa ezin betez. Euren seme Enrike II.ak koroa hartu zuen. Berehalaxe, gurasoen bide berberari ekin zion. Armada bat antolatu zuen espainiar inbaditzaileak bere erresumatik behin betiko bidaltzeko. 1521ean armada handi bat bildu, espainiarrak garaitu eta erresuma osoa askatzea lortu zuen frantsesen laguntzaz. Hala eta guztiz ere, armada inbaditzaile berrien erasoei ezin eutsiz, Noaingo gatazkan izugarrizko porrota eduki zuen, eta berriro erresuma galdu zuen. 1522an saio berri bat egin zuten nafar leialek eta Amaiurko eta Hondarribiko gotorlekuen defentsari sutsuki ekin zioten. Azkenean, hesitze luze baten ondorioz, amore eman behar izan zuten. 1523an Enrike II.ak Nafarroa Beherea askatu zuen, baina hurrengo urtean berriro espainiarren esku utzi behar izan zuen. Azkenik, espainiarrek ezinezkotzat jo zuten lurraldea mendean edukitzea eta 1525ean betiko abandonatu behar izan zuten. Orduan, Enrike II.ak erret egoitza Orthezetik Donapaleuko gaztelura aldatu zuen. Gerla hauetan guztietan frantsesek euren interesen alde jokatu zuten eta Enrike II.ak berehalaxe ulertu zuen Frantziako Frantzisko I.a erregeak ez zuela benetan, nahiz eta hitzez behin eta berriro horrela aldarrikatu, nafar erresuma liberatzea bilatzen, Espainiari min egitea baizik, eta tarteka eskaintzen zion laguntzak bere benetako interesak ezkutatzen zituela. Orduz geroztik, bere burua bakarrik ikusi zuen, bakarrik bai, baina ez etsita. Hala-hola, eta frantsesen laguntzarik gabe, armada berri baten antolatzeari ekin nahi zion.Horretan ari zen, baina garai hartan Europako armadarik boteretsuena zenari irabazteko urrea behar zuen, Nafarroako erret altxorrean ez zegoen urrea. Donapaleuko gazteluan egunak bata bestearen atzetik igarotzen ziren monotonia handiaz, eta Nafarroa Garaia askatzeko itxaropena ahitzen ari zitzaion. Egun hartan Errege sala nagusian zegoen, bere tronuan eserita, eta hamar bat kontseilariz inguratuta. Gaia betikoa zen: erresuma askatzeko antolatu beharreko armadaren premia. –Orain ere betikoan gaude Errege Jauna, urrerik gabe ezin dugu ezer antolatu, eta frantsesen aldetik ezin da ezer espero. Beraz,… –Beraz, Etxauzeko Jauna, orain arte bezala jarraitu beharko dugu, gure gazteluko lau hormen artean! –moztu zion Enrike II.ak biziki haserreturik. Isiltasuna egin zen nagusi sala zabal hartan. Halako batean Baigorriko Jaunak hitza hartu zuen. –Jaun Goren hori, barka beza erran behar dudana ergelkeria iruditzen bazaio, baina ene uste apalez, gaur daukagun irtenbide bakarra alkimistengana jotzea litzateke. –Alkimistak diozu? –erantzun zion Erregek, entzuten zuena ezin ulertuz—. Hagitz interesgarria. Segi, segi zure azalpenaz, otoi! –Berorrek jakinen duen bezala, alkimia hagitz zientzia zaharra da, materia eraldatzea bilatzen duena, hau da, edozein metal urre bilakatu nahi duena. –Bai, ene jaun leiala, hori dena ezaguna dut, baina zuk ezagutzen al duzu horretan jarduten al duen inor? –Bai Errege jauna, –ihardetsi zion irmoki Baigorriko Jaunak– ezagutzen dut eta Otsoa Zalgizeko du izena. –Otsoa Zalgizeko diozu? Zuberoako Zalgizeko jaunaren familiakoa al da? –Bai Errege Jauna, Zalgizeko Jaunaren iloba. Fraidea da eta erresuma erortzean Austriako abadia batera abiatu zen. Han Wenzel Seiler izeneko beste fraide bat ezagutu zuen eta lagun handiak egin ziren. Dirudienez, Wenzel Seilerrek bazekien abadiako txoko ezkutu batean altxor bat bazela, eta Otsoa Zalgizekoarekin batera, bilatu eta topatu egin zuten. Haatik, aurkituriko kutxan ez zuten urrerik topatu, hauts gorri berezi bat baizik, eta berekin batera latinez idatzitako esku-izkribu bat. Bertan esaten zenez, hauts horrekin igurtzi ondoren eta sutan jarrita edozein metal urre bihur zitekeen, eta segidan jarraitu beharreko prozesuaren urratsak azaltzen ziren. Bi fraideek egin beharreko guztia burutu zuten eta urrea, behin eta berriro, lortu zuten. Aurkikuntza laster zabaldu zen ahoz aho eta belarriz belarri. Jaun eta errege ugari hauts gorriaren gibeletik hasi ziren, baina alferrik, bi fraideek ez baitzuten euren sekretua inoren esku jarri nahi izan. Wenzel preso hartu zuten eta baita torturatu ere hauts gorria non gordetzen zuten aitor ziezaien. Alferrik, Wenzelek ez baitzion inori deus azaldu, eta jasandako tortura ikaragarrien eraginez hil zelarik, berekin batera eraman zuen hilobira hauts gorrien kokapenaren sekretua. –Eta Otsoa Zalgizeko? –moztu zuen Erregek. –Ezkutaturik dago nonbait bere sekretuarekin batera. Lehengo batean, Zalgizeko Jaunak honen guztiaren berri eman zidan eta aipatu zidanez, Otsoa prest omen dago bere hauts gorria Nafarroako Erresumaren eta bere legezko erregearen alde jartzeko, euskaldun zintzo eta leiala baita. Eskatzen digun bakarra zera da, soldadu talde bat bidal dezagun Italiako iparraldean ezkutatzen den abadiara, Donapaleuko gaztelu honetara etorri ahal izateko. Hau entzutean, Errege tronutik altxatu zen eta urduritasun handiz, bizpahiru gizon fidel aukeratu eta bere erret ganberara eraman zituen Otsoa eta bere hauts gorria Donapaleura ekarriko zituen espedizioa sekretu handienean antolatzera. Huraxe zen erresuma askatzeko amesten zuen aukera eta ez zegoen prest galtzen uzteko. ––––––––– Zazpi egun beranduago, hamar bat gizonez osaturiko espedizioa Italia alderantz abiatu zen. Merkatariz jantzita zihoazen eta oihalez, lanabesez eta zeramikazko ontziz betetako hiru zalgurdi zeramatzaten. Gizon talderik handiena zalgurdien aurretik zihoan; sei bat zaldizko ziren eta beraien buru Baigorriko Jaunaren seme premua zen Allande gaztea. Bost aste behar izan zituzten Otsoa Zalgizeko aterbetzen zen abadiara iristeko, eta beste hainbeste, Donapaleuko gaztelura itzultzeko. Galtzada nagusiak saihesten zituzten inongo soldadurekin ez topatzeko eta mesfidantza guztiak uxatzeko zenbait herritako ferietan euren produktuak saldu eta berriak erosi egin zituzten. Horrela burutu zuten euren ibilaldia inoren mesfidantza piztu gabe, eta erositako produktuen artean Otsoaren hauts gorria gordetzen zuen kutxa gotorra ekarri. Gazteluaren dorre nagusiko begiraleek zilarrezko turutak jo zituzten merkatari faltsuen karabanaren etorrera iragartzeko. Errege eta bere kontseilariak erret salako leiho zabaletatik begiratu zuten eta karabanaren buruan zetozen zaldizkoak ikusi. Beraien artean Allande Baigorriko adoretsua eta Otsoa Zalgizeko fraidea zetozen. Erregeren bihotza bozkarioz gainezkatu zen eta eztarrian lasai hitz egiten eragozten zion korapiloa sumatu zuen. Azkenean! Huraxe zen bere ametsen hastapena. Erresumaren askatzea gertu zegoen! Handik hamar bat minutura, Allande Baigorriko eta Otsoa Zalgizeko erret salara sartu ziren. Enrike II.ak, ezin egonez, tronutik jaiki eta protokolo guztiak ahantzirik, bi etorri-berriengana hurbildu zen. –Jaunak, esperantza handiz itxarotako unea iritsi da. Ongi etorri Nafarroako Erresumaren gortera. Berri onik al dakarkidazue? –Bai Errege Jauna, berorrek erran bezala, askatasuna itzul diezagukeen hauts gorria dakargu –ihardetsi zion Allande Baigorriko gazteak–. Eta pozaren pozez, berekin zihoan fraidea aurkeztu zion: Errege, hauxe da Otsoa Zalgizeko, berorren zerbitzari leiala. Fraideak burua makurtu zuen Errege agurtzeko. –Urte aunitzetako Otsoa Zalgizeko, dagoeneko jakinen duzun bezala, Allanderen aita den Baigorriko Jaunak zure aurkikuntzaren eta leialtasunaren berri eman zidan, eta horrekin batera, esperantza berriak piztu ene bihotz zaurituan. Jaungoikoak sobera daki ez ditudala aberastasunak xerkatzen, gure erresumaren libertatea baizik. Eta tamalez, horretarako urrea behar dut, zuk bakar-bakarrik eman diezadakezun urre gorria. Prest al zaude lan horretan jarduteko? –Bai Errege Jauna. Nire herria, berorrek bezainbeste maite dut, eta edozein gauza egiteko prest nago espainiar inbaditzaileak gure erresumatik behin betikoz igortzeko. –Eta horretarako, zer behar duzu? –Erregek–, Otsoa Zalgizekoaren hitzek beregan sorturiko poza ezin ezkutatuz. –Laborategi bat jauna, labeaz eta iturriaz hornituriko laborategia. –Eta ukanen duzu! –Erregek–, eta hurbil zeukan Etxauzeko Jaunari begira, horrela agindu zion: –Etxauzeko Jaun prestu hori, antola ezazu laborategi bat ekialdeko dorrean, eta hornitu Otsoa Zalgizekok beharrezkotzat jotzen duen guztiaz. –Baina Errege Jauna, altxorra erdi hutsa dago, eta horrelakoak oraindik gehiago hustuko du! –Etxauzeko Jaunak–, eskuak burura eramanda. –Berdin da, oso-osorik hustu behar bada ere, antola ezazu laborategia ! Eta besterik esan gabe, Errege bere ganberara erretiratu zen. –––––––––– Hiru hilabete aski izan ziren laborategia antolatzeko eta Otsoa Zalgizekok berehalaxe ekin zion agindutako jarduera burutzeari. Materia eraldatzeko prozesua luze samarra eta hagitz korapilatsua zen arren, denbora gutxian bete zuen arras hustuta zegoen nafar altxorra. Enrike II.a eta bere buruzagiak txoriak baino alegerago zeuden eta segituan hasi ziren armada berria antolatzen. Alabaina, urre hura ez zen nahikoa, askoz gehiago behar zen-eta. Otsoa Zalgizeko lanean aritzen zen, goizez eta arratsaldez, akitu arte, baina prozesua luzea eta zaila zenez gero, denbora luzea beharko zuen beharrezkotzat jotzen zuten urre kopurua atzemateko. Erregek denbora murriztu nahi zuen, eta horretarako labe handi bat egiten agindu zuen, eta laguntzaile gisa, hiru gazte jarri zituen Otsoa Zalgizekoaren esanetara. Gauza jakina da hormek ere entzuten ahal dutela, eta ordurako fraide alkimistaren berria zabalduta zegoen espainiarren artean. Inbaditzaileek Iruñean zeukaten erregeordeak Otsoa Zalgizekoaren eginbeharra, nola edo hala, edozein preziotan, eragozteko agindua jaso zuen. Agindutakoa betetzeko bide ugari jorratu zuen. Donapaleun zituen zelatariak mobilizatu zituen eta hauen bidez, Enrike II.ak fraide alkimistaren zerbitzura jarritako gazte horietako bat diruz erosi zuen. Gazte salduak ez zuen fraidearen sekretua ezagutzen, eta horren atzetik egunak eman bazituen ere, ez zuen nehoiz lortu. Fraideak ez zuen deus idatzirik, eta prozesua buruz zuzentzen zuen. Momenturik erabakigarrienetan, fraideak hiru gazteak laborategitik irtenarazten zituen eta itzultzen zirenerako, labean goritzen ezarritako burdina urre bihurturik izaten zen. Horrela izaki, gazte salduak Otsoa Zalgizeko hiltzeko agindua jaso zuen. Bortxaz ezinezkoa zuen, laborategiko atea zaintzen zuten gerlariek bere ezpatez aldez alde zeharkatuko baitzuten. Eta bizia espainiarrek emandako dirua haina maite zuenez, sabotaje bat prestatu zuen, istripu itxurako batez, fraide alkimista akabatzeko. Labea manipulatu zuen tenperatura kontrolatzen zuen mekanismoa hondatuz. Eta horrela, Otsoa Zalgizeko lanean bakarrik ari zen horietako batean, labea izugarri berotu, goritu eta lehertu egin zitzaion. Eztanda hartan fraidea xehe-xehe egina gelditu zen, hamaika puska ttikitan zatikaturik. Enrike II.ak labea berreraikitzen agindu zuen arren eta bere fisikariek Zalgizekoak utzitako hauts gorria metalen eraldaketan, behin eta berriro, erabiltzen ahalegindu ziren arren, inoiz ez zuten deus lortu. Fraideak berekin hilobira eraman zuen betiko berak eta Wenzel Seilerrek Austriako abadian aurkituriko sekretua. Enrike II.ak ez zuen inoiz, frantsesekin kontatu gabe, beharrezkoa zuen urrea lortu, eta itxaropen guztiak galduta hil zen 1555eko maiatzaren 25ean. Haren alaba Joanak, Joana III.a Albretekoak, hartu zuen haren lekua. Erregina honekin erresumaren maila kultural eta intelektualak gorakada handia eduki zuen. Protestante egin zen eta Joanes Leizarragari liburu sainduak euskara zitzan agindu zion. Erregina handia 1572. urtean hil zen, eta bere seme Enrikek, Enrike IIIa Albretekoak, hartu zuen erret aulkia. Frantziako erregearen arreba batekin ezkondurik, berari egokitu zitzaion errege frantsesa hil zutelarik, Frantziako koroa bereganatzea Enrike IV. izenaz. Handik aurrera ez zuen inoiz ezer begiratu Nafarroako Erresumaren alde. Bere ondorengoek nafar erresuma librearen lurraldeak frantses estatuaren barruan kokatu zituzten, eta horrela bukatu zen nafar errege-erreginen ametsa. Nafarroa galdua eta zatikatua gelditu zen Espainiaren eta Frantziaren artean. –––––––––– Baina zer gertatu zitzaion Otsoa Zalgizeko erail zuen gazte salduari? Fraide alkimista hiltzean, inork ez zuen sabotajea izan zela pentsatu, eta istripua izan zelakoan ez zuten errudunik bilatu. Ahal bezain fite, gaztea Iruñerantz abiatu zen bere traizioaren ordainaren bila. Iruñean espainiarrek agindutako dirua eman zioten, eta horrela, poz-pozik, gazteak bere bideari berrekin zion patrikak urrez beterik zeramatzala. Traizioa egin zuenak ez zuen inoiz pentsatu berari gauza bera egin ziezaioketela. Iruñeko harresietatik irten bezain pronto, espainiar erregeordeak bere sikarioak bidali zituen gaztearen atzetik, emandako dirua berreskura zezaten. Erreniaga mendiko bidetik barrena zihoala, zelatan gorderik itxaroten zuten sikario haietako baten geziak bizia kendu zion. EKAITZAREN ZURRUNBILOAN Beste askotan bezala, 1820ko urtarrilaren 19an, korbeta bat iritsi zen Donostiako Kontxa badiara. Irutxulo izenekoa zen. Habanatik zetorren eta Ameriketako produktuz beteta zekarten. Horrelakoetan jendea kaira hurbiltzen zen erruz etorritakoei ongi etorri beroa egitera, eta baita deskargatzen ziren produktuak kuxkuxeatzera ere. Egun hartan, ohikoa zen bezala, kaia jendez bete zen. Berehalaxe, txalupa bat abiatu zen itsasontzi aldera, atoian portura sartzen laguntzeko. Korbetaren parera iritsi eta…. –Arratsalde on lagunak! Onik etorri al zarete? –Bai Txomin, bidaia zail samarra izan den arren, denok ongi atera gaituk eta ontzia karga-karga eginda ekarri diagu. –erantzun zion Irazusta kapitainak. –Ba, nahi duzunean hasiko gara atoi lanetan. Dena prest daukagu eta. –Ez, Txomin, ez! –Irazusta kapitainak– Eskifaia osatzen dugun guztiok herriko semeak gaituk eta biziki eskerturik gaudek urruneko lurretatik onik ekarri gaituen San Sebastian patroi handiarekin. Horregatik, bihar San Sebastian eguna izaki, gaua hemen, badian, pasatzea erabaki diagu, eta bihar, goiz-goizean, lehorreratuko gaituk, San Bizente elizara santuari eskerrak ematera joateko. Txomin, egingo al diguk mesede bat? –Esan Irazusta kapitaina, nire eskura dagoena egingo dut eta. –Segi ezak San Bizentera eta eska ezak meza bat guretzat, goizeko sei eta erdietan. Tripulazio osoa, oinutsik eta kandela bat eramanez, joango baikara, eta faborez, ohartu itzak gure familiak hartu dugun erabakiaz. Meza entzun ondoren, gure senideekin gosaldu eta sokamuturra ikustera joango gaituk. –Zure agindutara Irazusta kapitaina. Hori bakarrik bada eskatzen didazuna, konta ezazu nirekin. Egina dago. Biharko lehen meza zuentzat izango da. –Txominek–. Eta bere gizonei begira: Goazen mutilak, eragiozue arraunari, portura itzultzeko tenorea da eta! Eta Txominek agindu bezala, txalupak norabidea aldatu eta Donostiako portu alderantz abiatu zen, korbeta ,atzean, badiaren lur lasaietan, utziz. Itsasontziko marinelek arratsa euren buruak txukuntzen eta hurrengo egunean jantzi behar zituzten arropak paratzen eman zuten. Gero, Irazusta kapitainak afari berezia agindu zion sukaldariari: ohiko txerrikiaz gain, sagardoa eta bizkotxoa. Marinelak pozez gainezka zeuden, eta afalostean kantuz eta dantzaz aritu ziren. Gaueko bederatziak aldean, euren kamainetara erretiratu ziren. Loak berehalaxe hartu zituen. Baina San Sebastian bezpera hartan ez ohiko ekaitzak astindu zituen bazter guztiak, baita Kontxako badia ere. Infernutik aterea zirudien haize bortitza altxatu zen itsasoa eta lehorra indar ikaragarri handiaz kolpatuz, tximisten argitasunak eta trumoien burrunbak ortzia betetzen zuten eta itsasoaren orroak marinelen belarriak gortzen zituen. Olatu izugarri handiak sortu ziren, eta Irutxulo korbeta haien menpe zegoela zirudien. Olatu apartsuek ontzia jipoitzen zuten indar handiz, behin baino gehiagotan, iraultzeko moduan jarriz. Irazusta kapitainak aginduak etengabe ematen zituen arren, han ez zegoen zer egiterik, eta denek ondotxo zekiten. Ainguraren soka hautsia zen, mastak arrunt birrinduta, eta olatu erraldoiek korbetaren ontzigaina, behin eta berriro, garbitzen zuten, askotan marinelak beraiekin batera itsasoaren hondora eramanez. Olatuek korbeta mugitzen zuten, intxaur oskola bailitzan, gora eta behera, eta Ondarretako labarretara zeramaten. Ez zegoen salbaziorik itsasontziko gizonentzat. Batzuek errezo santuari ekin zioten San Sebastian patroiaren laguntza eskatuz, baina alferrik, itsasoa baretu beharrean, oraindik gehiago oldartzen baitzitzaien. Gero eta gutxiago ziren korbetako gizonak, gehien-gehienak ordurako olatuek eramanak baitziren. Labarretatik gero eta hurbilago zeuden. Zenbait minuturen kontua zen, besterik ez. Irazusta kapitainak azken agindua eman zien heriotzatik hurbil ziren azken marinelei: –Mutilak, hauxe da Irutxuloren azkena. Gure salbazio bakarra uretara jauzi egitea da. Goazen mutilak, denok nire atzetik, eta San Sebastian gure patroiak lagun gaitzan! Hori esanda, bere burua itsasoko ur haserre apartsuetara bota zuen. Marinelek segitu zioten gauza bera eginez. Batzuek, desesperazioak hartuta, San Sebastianen bertsoak kantatzeari ekin zioten. Itsasoaren orroak laster isilarazi zituen. Bost minutu beranduago, korbetak Ondarretako labarren kontra jo zuen. Hurrengo goizean, donostiarrek euren senideak bilatu zituzten Kontxa eta Ondarretako hondartzetan. Zoritxarrez, ohol eta Ameriketako produktuen artean barreiaturik zeuden marinel guztiak gorpu ziren, bi edo hiru izan ezik. Irazusta kapitaina hilik topatu zuten bere gizonen gorpuen artean. San Sebastian egun hura triste samarra izan zen donostiarrentzat. Udalak astebeteko lutua agindu zuen eta festak bertan behera utzi zituzten. Hurrengo egunean, hau da, otsailaren 21ean, goizeko 6,30etan, herri guztia hurbildu zen San Bizentera Irutxulo korbetako gizonen hiletara. Dolu handia izan zen Donostian, eta kronikek diotenez, urte luze behar izan ziren ekaitz bortitz hark irekitako zauria, behar bezala, ixteko. JOAKINTXOREN HARMONIKA Negu oro izaten dira hotzak eta elurtsuak, baina 1891ko negu hura berezia izan zen. Hotz ikaragarri handiak gure geografia osoa zigortu zuen eta etxeak, bideak eta zelaiak elur geruza lodi batez estalirik izan ziren luzaz. Ataun, Gipuzkoako Goierriko beste herriak bezala, elurraren zuriaz jantzirik zegoen. Aintzaundietatxiki baserria ez zen salbuespena, eta egunak joan eta egunak etorri, soineko zuri batez jantzirik zegoen. Hotz ikaragarri handiak bazter guztiak kolpatzen zituen eta kanposantu zuri hartan ez zen aipaturiko baserrian bizia igartzen. Etxeko tximiniatik irteten zen ke-hats zuria zen barnekoen bizia salatzen zuen bakarra. Baina barruko goxoan dena ez zen poza. Baziren bizpahiru egun etxeko zortzi seme-alabetako bat, Iñaxi neska horaila, gaitzak harrapaturik zegoela. Azken orduak eldarniotan emanak zituen. Ama eta amona ohe ondoan eserita zeuden eta tarteka konketa bateko ur epelaz kopetako eta paparreko izerdi hotz etengabea goxatzen zioten. –Badatoz, badatoz! –esan zuen ozenki semeetako batek. Baserriko atea kanpotik zabaldu zuten eta adin ertaineko bi gizon sartu ziren. Biak arropa lodiaz jantzirik zeuden eta burua txapel beltzaz estalirik zeramaten. Etxeko bi alaba agurtzera azaldu zitzaizkien. –Egun on aita, egun on sendagile jauna! Jaungoikoak egun on eman diezazuela! –esan zieten etorri berriei– eta ondoren sendagile jaunari begira: Eskerrik asko etortzeagatik! Gero, bi gizonen berokiak eta txapelak jaso eta sarrerako ezker aldean zegoen zurezko kutxaren gainean laga(1) zituzten. Aitak sendagile jauna gidatu zuen gaixoa zegoen gelara. Eskailera igo eta berehalaxe bertaratu ziren. Ama irten zitzaien atera. –Egun on doktore jauna, eskerrik asko etortzeagatik! –Baita zuri ere Anttoni. Zer moduz dago Iñaxita? –erantzun zion sendagileak, neskaren ohera hurbilduz. –Gaizki jauna, gaizki. Kalentura handiak jota dago eta azken orduak eldarniotan eman ditu. Sendagileak gaixoa behatu zuen eta ondoren… –Iñaxita birikeriak hartuta dago. Ez dizuet egia ezkutatuko. Oso larri dago. Amonaren negar isil batek sendagilearen hitzak lagundu zituen. –Bai, oso larri dago –jarraitu zuen sendagileak–, eta hilko da baldin eta ez badiogu botika bat ematen. Zoritxarrez botika hori Iruñean erosi beharra dago eta bide guztiak itxita daude. –Joakintxo semea, Aralar zeharkatuta, bidaliko dugu! –erantzun zion amak– Artzain ibiltzen da mendietan eta bideak ongi ezagutzen ditu. –Baina eguraldi petral honekin…! –sendagileak. –Lasai, Joakintxok ekarriko du. Berorrek egin biezagu errezeta, faborez. Sendagileak errezeta idatzi zuen eta amaren eskuan utzi ondoren gelatik urrundu zen. Baserriko sarreran etxeko alabek berokia eta txapela janzten lagundu zioten. Gero kalera atera zen. –Jainkoak gida bitza Joakintxoren pausoak! Agur! esanaz, agurtu zen berarekin batera ateraino joandako guztiez. Goiz samar izan arren Joakintxo bilatu zuten eta egin beharrekoaz ohartuta, Iruñerako bidea egiteari ekin zion. Beroki zahar moduko batez jantzirik zihoan, buruan txapela, eta oinetan artilezko galtzerdiak eta abarkak. Eskuan makila zeraman eta bizkarretik zintzilik zakotea. Bertan amak jarririko otorduak zeramatzan. Hamasei urte bakarrik zituen arren, ederki ezagutzen zituen Aralarreko bideak, askotan bertako mendietan artzain ibilia baitzen aitona zendu berriarekin. Gainera, bizpahiru aldiz Iruñera oinez joana zen eta ederki ezagutzen zituen hango bazterrak. Alkandoraren barneko sakelan medikuak emandako errezeta zeraman. Haize hotz handiak jotzen zuen. Zuhaitzek eta belarrek izoztuta ziruditen. Bidea ere askotan hormatu samar zegoen eta kontu handiz ibili beharra zeukan ez erortzeko. Egun osoaz ibili zen ia atsedenik gabe. Eguerdi aldean atsedenaldi txikia egin zuen otordu moduko bat egiteko eta gauean lo egin zuen bospasei orduz Patxikuxaharren bordan. Hurrengo egunean gauza bera egin zuen, eta gauerdian Iruñeko lehen etxeetara iritsi zen. Berandu samar zen arren Nikolas Adurizen ostatuan eskatu zuen aterpe eta bertan lo egin. Goizeko lehen orduetan botika-dendaren aurrean zegoen. Hura zabaldu zutenean, botika erosi eta bat ere pentsatu gabe, itzultzeari ekin zion. Ezin zuen denbora galdu, Iñaxita arrebaren bizitza botika haren beharrean baitzen. Elurte handi batek hartu zuen Aralarren. Hotza inoiz baino hotzagoa zen, eta ez zen metro batera ikusten. Hala eta guztiz ere, gazteak aurrera jarraitu zuen. Hango mendiak ongi zezagutzan eta ez zuen galtzeko beldurrik. Lehen eguna horrela eman zuen, elurrak estalitako bideei jarraiki. Ilunabarrerako Patxikuxaharren bordan egon nahi zuen, bertako goxotasunean gaua pasatzeko. Ilunabarra iritsi zen, baina bordaren arrastorik ez. Azkenik, gauaren iluntasunean, Joakintxok errealitatea onartu behar izan zuen: galduta zegoen! Belztasun hartan ezin zuenez aurrera segitu, nonbait gelditzea erabaki zuen. Bi arroka handiren artean bazen aterpe moduko bat eta bertara sartu zen goxotasun bila. Baina hura ez zen Patxikuxaharren borda, eta nolabaiteko aterpea eskaintzen bazuen ere, elurra barrura sartzen zitzaion eta hotzak hezurretaraino kolpatzen zuen. Nekeak eta goseak astintzen zuten. Zakotetik atera zuen amak jarritako otordua eta hari esker, gosea baretu zuen, baina eta nekea? Han ezin zuen lo hartu, hormatu egingo baitzen. Hala-hola, gau hura pasa behar zuen lo egin gabe eta goizeko lehen argiekin bidea egiteari berrekin. Jaungoikoak lagunduta, bidea bilatuko zuen eta gauerdirako etxean egongo zen Iruñetik ekarritako botikarekin. Gaua esna igarotzeko, gazteak zakotean zeraman harmonika atera zuen eta jotzeari ekin zion. Euskal doinu xarmantak gauaren isiltasunaz nagusitu ziren. Horrela aritu zen denbora luzez, baina begiak ixten zitzaizkion. Halako batean, mutilak harmonika ondoan zeukan harri handi baten gainean pausatu zuen. Gero,… loak hartu zuen betiko. Aintzaundietatxikin kezkaturik zeuden. Baziren bost egun Joakintxo baserritik abiatua zela eta oraindik itzuli gabe zegoen. Joan-etorria lau egunetan egitea espero zuten. Iñaxita gero eta okerrago zegoen eta Joakintxok ekarri behar zion botika guztiz beharrezkoa zen neska bizidunen mundura itzularazteko. Hurrengo egunean, aita, anaiak eta herriko beste hamar bat gizon gaztearen bila abiatu ziren Aralar aldera. Elur ekaitzak indar oroz jarraitzen zuen. Egun berean, arratsalde aldean, anaietako batek Joakintxoren harmonika topatu zuen harri handi baten gainean. Ondoan topatu zuten mutil gaixoaren gorpua. Elurrak erdi estalirik zegoen eta betiko loak hartuta. Aldamenean zegoen zakotean botika zeukan. Handik hilabetera Iñaxita sendatua zen, Joakintxok ekarritako botikari esker. Orduz geroztik, mutila hil zen Aralarreko txokoan burdinazko xafla batek gaztearen heriotza oroitarazten digu: “Hemen gelditu zen, elurren artean, eta betiko lozorroan, Joakin Urbiztondo. Jainkoak bere baitan har dezala” AITAÑI ALLANDEREN AZKEN BIDEA Ekiak goxo berotzen zituen Eskiulako bazterrak2, eta txoriak kantuan ari ziren oihanetako zuhaitzetan. Dena zen argia, dena poza Eskiulako bailaran. Baina Iraztoia etxaltean, egoera oso bestelakoa zen, bertako aitañi Allande Lixardoi bere azkenetan baitzen. Allande mutil sendo eta famatua izana zen, dantzari trebea, kantari ederra, artzain ona, gizon gisakoa… Herriko maskaradetan entseinaria3 izana zen eta zeruko pareraino egiten zituen jauziek zuberotar ororen oroitzapenetan bizirik zirauten. Herriko pastoraletan birritan hartu zuen parte. Txikitan aingürüa izana zen eta azkenekoan süjeta4. Hogeita hamazazpi urte zituen orduan eta hirurogeita hamahiru orain, biziaren eta herioaren arteko muga ikusezina iragateko zorian zegoenean. Gizon maitekorra eta halaber, maitatua zen. Goiz eder hartan, ohean etzanik zegoen eta leihotik zekusan ekia zen bere bizi-emaile bakarra. Aldamenean, Beñat zeukan, hamalau urteko arrasemea5. Muttiko bizkorra, zinez. Ganberako beste bazterrean, Joahine semeak eta Maritxu errainak isiltasun handiz begiratzen zuten aitañi. Denek zekiten huraxe zela Allanderen azken bidaiaren ordua, eta han zeuden begirune oroz, azken agurra emateko pronto. Bat-batean, zaparrada batek goiz eguzkitsua freskatu zuen. Udako zaparrada ohiko horietakoa izan zen, eta handik hamar minutura ekia zen, berriro, Zuberoako zeru goian, ekia eta euriak ekarritako ortzadarra. Aitañi Allandek ortzadarraren bide koloretsua ikusi zuen leihotik eta Beñat arrasemeari honela esan zion: –Beñat, puttiko! Zabal ezak leihoa ostadarreko bidea ikus dezadan. Ene azken bidea egiteko tenorea dük. Beñatek, leihoa zabaldu zuen eta ortzadarraren koloreak biziago sartu ziren Iraztoiako ganbera hartara. Orduan, aitañi Allandek bilobaren eskua hartu eta honako azalpena egin zion: –Beñat, hori dük nik hartü beharreko xendra, ene azken bidajaren egitera nüak, bena otoi, egin iezadak azken mesede bat. –Erran aitañi, erraidazü egin behar düdana! –erantzun zion Beñatek, bihotzean korapilo bat egina zuela. –Ni banüak ostadarreko bidea hartürik, bena otoi, ene azken hatsa emaiten düdalarik, etxeko erleer6 erran hil nizala, beraiek bide horretan barrena gida nazaten. Horrela egin ezak, otoi! –Bai aitañi, horrela eginen deizüt. –Nik erran bezala egiten badük, bidearen ürrentzera7 heltü nizalarik, hire leihora hüilantüko8 nük goizanko argia hastean. –Baina aitañi, zaude lasai, horrela eginen deizüt. –Orai banüa. Adio ene familia eta ene herriari. Ni banüa! Hori esaten ari zela, Allande Lixardoi eskiularrak bere azken hatsa eman zuen. Denbora berean, zeruko ortzadarra desagertu zen. Johaine semeak begiak itxi zizkion eta Maritxu errainak Aita gurea bat ozenki errezatzeari ekin zion. Otoitzarekin amaitzean, Beñat etxetik irten eta etxeko erlauntza zegoen tokira hurbildu zen. Hiru bat metrora zegoenean, aitañik eskatutakoa bete zuen, antzinatik betetzen zen usadioari jarraituz: Erle andereak etxeko jauna hil da! Erle andereak Aitañi Allande hil da! ––––––––––––––––– Urteek ez dute barkatzen, eta aitañirena bizilegea zen arren, Beñat bilobaren bihotzean itzal handi bat egin zen. Aitañi joana zen bere azken bidea egitera. Gau hartan, Iraztoikoek nekez egin zuten lo. Aitañiren hutsunea handia zen etxe hartan. Goizean, argia hastean, txantxangorri bat pausatu zen Beñaten leiho hegian eta alegera kantuan hasi. Berehalaxe, Beñati aitañik hiltzear zegoela esandako hitzak etorri zitzaizkion gogora: Nik erran bezala, egiten badük, bidearen ürrentzera heltü nizalarik, hire leihora hüilantüko nük goizanko argia hastean. Bai, huraxe zen aitañi, bere bidearen bukaerara iritsia zela azaldu nahian. Beñatek, behintzat, horrela ulertu zuen. Urrunean, norbaitek Zuberoako kantu ezaguna abesten zuen: Goizian argi hastian ene leiho hegian txori bat pausatzen da eta goratik hasten kantan. Txori eijerra, hain alagera, entzüten haidanian, ene bihotzeko trixtüra laster düak aidian. Ene txoririk maitena zertaz jin hiz nigana? iratzarrazi nüalarik ametsik eijerrena. Jinik hain goizik, uste hüana banüala hanitx pena? Ez, ez, habil kontsolatzera malerusago dena. ARTZAINAK BORTÜETAN Nik badütüt Bortüetan9 ardiak artzainareki! Pettiri eta Antton artzainak ziren ttipi-ttipitatik. Euren aitak ere artzainak izan ziren, baita euren aitañiak ere. Normala zen Zuberoako Basabürüko herrietan XX. mendeko hirurogeiko hamarkada hartan. Neguan lan gogorra izaten zuten euren etxalteetan, beti ardiak zaintzen, ardiek ematen zietenaz bizi baitziren bai beraiek eta bai beren familiak. Eta bedatseko10 eguraldi ederra hastean, ardiak hartu eta Bortüetako larretara igotzen zituzten. Bailarako beste artzainekin aldizkatzen ziren Bortüetako artaldeen zaintzan, baina bizpahiru aste han egon beharra, emaztea eta seme-alabak etxean utzirik, ez zien inork kentzen. Betiko usadioa zen, artzainen bizimoduarekin estuki loturiko patua. Pettiri eta Antton umeetatik ziren lagunak, eta gazte garaietan elkarrekin ibili ziren nesken kontuetan. Elkarrekin eta neska beraz maitemindurik, azkenean Pettiri ezkondu zen Margaita larraintar ederrarekin. Anttonek, orduan, Margaitaren laguna zen Luixarekin ezkondu zen. Egia esateko, Luixa ez zen oso neska ederra, baina bai langilea eta gisakoa11. Pettiri lau seme-alaben aita zen, eta Anttonek bost zituen. Hamazazpi urte beranduago, gazte garaiko gona kontu haiek ahantzita zeuden, edo horrela zeudela ematen zuten, bederen. Gau hartan zohardi ederra zen Zuberoako Bortüetan, eta Pettiri eta Antton beren olaren12 kanpo aldean ari ziren kafea eta pattarra edaten eta elestan aritzen. Emazteen eta seme-alaben oroitzapena zetorkien burura maiz. –Ai gure etxean zein ürrün dauden! –Pettirik. –Bai lagün, izigarri ürrün! –Anttonek, suspirioen artean. –Ai Antton, gaueko bakardadean beti zaukaat ene emaztea gogoan! –Pettirik, bere emaztearekin igarotako gau goxoak buruan. Eta Anttonek erantzun: –Niri ber gaüza agitzen zaidak Pettiri, gaueko bakardadean beti zaukaat HIRE emaztea gogoan! GUDARIAK LUBAKIETAN Eusko gudariak gera Euskadi askatzeko, gerturik daukagu odola bere aldez emateko. Irrintzi bat entzun da mendi tontorrean, goazen gudari danok ikurrina(re)n atzean. Gudarion kantua ozen entzuten zen Intxorta mendiaren gerizpeko bailara osoan. Basoko lubakietan gudariak kantuan ari ziren. Etsaia aurrean zeukaten. Azken hiru egunetan borroka handiak izan ziren eskualde hartan, baina gudariek gogor eusten zioten espainiar faxisten erasoari. Zenbait erasotzaile lubakietatik hurbil zeuden, zuhaitz eta harkaitzen artean babesturik, baina hortik ezin aurreratuz zebiltzan, gudariak eren baitzeuden, atzamarra gatiluan jarrita. Erasoaldi berriaren zain zeuden bai batzuk eta bai besteak. Baina gauaren momentu hura pausaren momentua zen, eta bi aldeko borrokalariak atseden hartzen ari ziren, atseden hartzen eta indarberritzen. Gudarien lubakietatik Eusko gudariak gera kantu gerlari ederra entzuten zen, faxisten lubakietan, berriz, isiltasuna zen erantzun bakarra. Halako batean, gudarien lubakien lehen lerroan, etsaien lerro hurbilenetatik, ahots isil ezagun bat entzun zuten: –Aizak Joxe, ahots marrantatua daukak! Ezin al duk hobeto kantatu? –Ene! Baina, baina… Beñardo, zer egiten duk hor, jendaila horrekin? –Ixo, ixo! Mintza hadi behereago! Ez diezagutela entzun! Eibarko frontean, ni eta oraintxe hemen, nirekin dauden beste hamar bat mutil euskaldun preso hartu gintiztean, eta eman zigutean aukera bakarra, zera izan zuan: edo fusilamendu hormara zuzen-zuzenean, edo haiekin borrokatzea, lehen lerroan beti. Eta hemen gaituk motel, larrua maite dugu eta! –Normala Beñardo, egon beharra zagok halako egoera batean! –Joxe izeneko gudariak– Eta orain bakarrik al zaudete? –Ez motel, guregandik ez oso urrun, hogei bat falangista zeudek, baina denak lotan, bihar goiza arte ez baitugu erasorik egiteko agindurik. Tenientea ere lotan zagok. –Ondo zagok hori jakitea. Estimatzen diat. Eskerrik asko. Horrela lo kuluxkatxo bat egiteko astia izanen diagu! –Joxek, pozaren pozez. –Ai Joxe, noiz bukatuko da gerra madarikatu hau? –Beñardok, hasperenen artean. –Bai lagun! Dena den, bihozgabe horiek irabaziz gero, hemen, Euskal Herrian bizitzerik ez duk izango! Horiek akabatu nahi gaitiztek! –Joxek. –Bai, herra handia zigutek euskaldunoi! Hauekin ez zagok bizitzerik! –Beñardok, Joxeren hitzak baieztatuz. –Zenbat emango nuke zigarrotxo bat ahoan edukitzeagatik! –Joxek. Momentu hartan, Beñardoren lerroetatik espainierazko oihuak entzun ziren. Tenientea zen. –¿Pero, quién está hablando ahí, en voz alta? ¿Queréis que el enemigo nos localize y nos mate a todos, o qué? !Y ademas en esa lengua de perros! ¿Quién quiere que le meta una bala en la cabeza? (Baina, nor ari da hor ozenki mintzatzen? Zer nahi duzue, etsaiek gu non gauden ikustea eta banan banan hiltzea, ala?Eta gainera zakur-mintzaira horretan! Nork nahi du buruan bala bat sar deizaiodan?) –Perdón teniente, era yo. Soy sonánbulo y estaba soñando en alto. (Barka ezazu teniente, ni nintzen. Sonanbulua nauzu eta ametsetan ari nintzen ozenki) –Beñardok, egia gorde nahian. –¿Pues que sea la última vez, inepto! ¡Y ahora, todos en silencio, y a dormir! que mañana tenemos que atacar las posiciones enemigas! (Azken aldia izan dadila, ergel halakoa! Eta orain, denok lotara, bihar goizean etsaien lerroei eraso egin beharko diegu-eta!) Joxek oihuak entzun zituen, nahiz eta urruntasunean, esaten zutena ezin izan zuen ulertu. Ahots marrantatuaz kantatzeari ekin zion, berriro ere: Eusko gudariak gera… –¡Canta, canta perro, que mañana te cortaremos el cuello! (Kanta ezak, kanta ezak zakurra, bihar lepoa moztuko diagu eta!) –xuxurlatu zuen teniente espainiarrak gorrotoz beterik. Gauaren isiltasunean, faxisten lehen lerroan, lagun euskaldunak eztabaida isilean ari ziren. –Horrela ezin diagu jarraitu! Zer edo zer egin beharra zeukaagu! –Beñardok. –Bai gizona! Onena litzateke gauaz baliatu eta gure jendearen lubakietara igaro! –Peru izeneko mutil horailak. –Ados nagok! –Koldobikak. –Baita ni ere! –Txominek. –Eta zeren zain gaude? –Pellok. –Baina, ezin diagu horrela pasa! Altxatu orduko mutur beltz horiek bizkarretik akabatuko gaitiztek. –Beñardok, gerta zitekeena ongi neurtuz– Baldin eta… –Baldin eta…, zer Beñardo? –Pellok, berriro ere, lagunaren gogoeta argitu nahian. –Baldin eta, guk ez baditiagu lehenago garbitzen! –Peruk, Beñardoren perpausari amaiera egokia jarriz. –Hori duk! –Beñardok– Hori duk! Orain diagu aukera! Ebaki diezaiegun lepoa, bai tenienteari eta bai berarekin dauden hamar bat falangista zikin horiei! Bigarren lerroan daudenak utz ditzagun lasai, ez baitira ezertaz ere konturatuko. Esan eta egin. Beñardoren keinu bati jarraituz, euskaldunak isilean altxatu ziren, eta gerrikoan zeramaten aihotza atereaz, lotan etzanda zeuden tenientearengana eta beste hamar bat falangistengana abiatu ziren. Gudari presoek bana garbitu beharra zeukaten. Gaueko isiltasunean, eta iluntasuna lagun, euskaldunek euren eginbeharra odol hotzez bete zuten. Inor ez zen ezertaz konturatu ere egin. Tenientea eta beste hamarrak infernura igaro ziren bat ere konturatu gabe. Gero, arrakasta, eta fusila eskuan zeramatela, Beñardoren atzetik abiatu ziren gudarien lerro aldera. –E Joxe, hor al haiz? –xuxurlatu zuen Beñardok. –Hara Beñardo, lotan hintzela pentsatzen nian. –Ez motel, betiko lotan daudenak preso gintuzten madarikatu horiek dituk! Lepoa moztu zieagu! Nik eta nirekin preso zeuden beste mutil euskaldunek alde egin diagu faxisten lerroetatik eta orain, hemen gaituk, hire aurrean, gure egiazko aldera igaro nahian. Pasa al gaitezke? –Itxoin ezak pixka bat Beñardo! –Joxek, urduri samar– Artola kapitaina esnatuko diat. –Ongi duk motel, baina mesedez, azkar samar ibil hadi, bigarren lerroan lotan dauden falangistak esnatu aurretik, bestela bizkarretik frijituko gaitiztek. Handik bi minutura edo, hantxe zeuden Joxe, Artola kapitaina eta hogei bat gudari. –Aupa mutilak, Artola kapitaina nauzue, sar zaitezte gure lerrora banan-banan. Beñardok eta beste hamar mutilek horrela egin zuten, eta laster haga luzeko euskal ikurrinaren azpian bilduta ziren denak. Han izan ziren negar malkoak eta lagunen arteko besarkada beroak! Ihes egindako gizon haientzat bazen itxaropena, askatasuna berreskuratua baitzeukaten. Gero gerra madarikatu hartan agitu zena beste kupeleko sagardoa izan zen. Baina gerokoa geroko utziz, momentu hartan Beñardo eta beste hamar mutil haiek munduko gizonik zoriontsuenak ziren. MAINGUAREN ZIGARROAK XX. mendeko berrogeiko hamarkada gogor samarra izan zen bai Irunen eta bai Hego Euskal herri osoan. Irabazle faxistek boterea kontrolatzeaz gain, gizarte osoa hesten zuten ankerkeria handiaz. Gerraren galera, fusilatze sistematikoak, desagerpen ugariak, euskal nortasunaren ukazio bortitza, torturatuak… eta gutxi balitz gosea. Hura ez zen panorama ederra garai hartako herritarrentzat, baina aurrera egin behar zenez gero, makurtu eta bizi egiten zuten. Orduko gazteak gizarte zanpatu eta umiliatu hartan hezi ziren eta hola-hala euren bizimodua antolatzeari ekin zioten, esperantza handirik gabe, baina odol gazteak ematen duen bizi-indarraz. Gizartea pobrezian bizi zen. ez zen sosik deusetarako, eta festetarako gutxiago oraindik. Hala eta guztiz ere, lehen bilerak13 edo erromeriak egiten hasi ziren. Soinu handia edo ttikia jotzen zuen norbait hartu, eta bertara joaten ziren oinez herriko gazte guztiak. Bilera hauetan dantza soltea –fandangoak eta arin-arinak– jotzen bazuten ere, izaten zen tokia, ilunabarreko azken orduetan, dantza loturako –baltsak eta– Eta hauexek izaten ziren gazteek gehien estimatzen zituzten momentuak. Neska-mutilak goxo-goxo nahasten ziren dantza lotu haietan, eta aunitzetan maitasuna pizten zen beraien artean. Apaizek ez zituzten horrelako festak gogoko eta indar handiz aritzen ziren euren predikuetan bileren izena lohitzen14. Elizetan inork ez zuen txintik ere esaten, utzi egiten zieten apaizei pitokeriak esaten. A zer erremedioa! Askotan aski izaten baitzen apaizaren salaketa, polizia faxista salatuen etxeetan ager zedin eta gizagaixo haiek atxilo zitzaten. Dena zen bekatua apaiz haientzat: bilerak, euskara, baltsak… eta baita neskek mutilak erakartzeko zerabiltzaten arropa bereziak ere. Ondoko herria den Oiartzunen, apaiz trabukari horietako batek honela ematen zion hasiera iganderoko sermoiari: Oraingo neskatilak engainatzen dituzte mutilak erakusten puntilak. Eta Irunen ere, antzeko zerbait esaten zuten iganderoko derrigorrezko meza luze eta aspergarri haietan. Hitz gutxitan esana: Ez zekiten bizitzen eta ez zuten inor bakean bizitzen uzten. Horrela zioten herriko zaharrek, eta baita honako hau ere: Egin behar da apaizek esaten dutena, ez egiten dutena. Horrela laburbiltzen zuen, maisukiro, herri jakituriak beltzez jantzitako labezomorro faxista haien jokaera. Patziku eta Anjel anaiak, Irungo beste gazteen antzera, hilabetean behin auzo ezberdinetan egiten ziren bileretara joaten ziren. Patzikuk hamazazpi urte zituen eta Anjelek hamasei. Biak baserritarrak ziren eta euskara zen beraien hizkuntza. Hori dela eta, kontu handiz ibili beharra zeukaten, Espainia handi eta inperial haren aldekoren batek ez zitzan sala. Bilera zen igandeetan, bazkaldu ondoren irteten ziren baserritik eta ilunabarrean itzultzen. Beraien baserri ondoan bazen beste baserri bat, eta haren aurretik pasa beharra zeukaten etxetik ateratzen ziren guztietan. Bertako atarian Josetxo maingua edo herrena izaten zen zelatan. –Zer, orain ere festa daukagu? –esaten zien bileretara joaten ziren guztietan. Herrian esaten zutenez, gizon hura arrunt gaiztoa zen, erreketeekin borrokan boluntario ibilitakoa, eta herritar askoren fusilamenduetan parte hartu izana. Hirurogeita hamabost urte inguru zituen, eta hantxe egoten zen bere baserriaren atarian, zelatan. Gerran balaz zauritu omen zuten hanka batean eta orduz geroztik maingu zebilen bere makuluen laguntzaz. Denak eskasian zeuden garai hartan, Josetxo mainguak bazuen aski diru, horren urri ziren zigarretak erosteko. Eta han egoten zen atari aurrean zigarroak etengabeki erretzen, eta bere etxe aurretik horren maiz pasatzen ziren bi gazte haiekiko bekaitza pizten. Dena den, bi anaiak, mainguaz asperturik, askotan harekin sartzen ziren, eta haren deskuidu batean makuluetako bat kentzen zioten. Aski lan izaten zuen zutik jarraitzeko. Hala eta guztiz ere, ederki dantzatzen zuen bere miztoa15 ohiko erretolikez. –Gazte zerri alenak, itzul iezadazue makulua! Tximist gaiztoak eraman bitza gazte odol-gaizto hauek! Baina gazteek entzungor jarraitzen zuten eta bakar-bakarrik itzultzen zioten makulua agureak ahoan zeukan zigarroa ematen zienean. –Agur maingu ! Eskerrik asko zigarroagatik! –esanaz agurtzen ziren Josetxo haserretuaz. Horrela, gero eta gehiagotan egiten ziotela ikusirik, Josetxo mainguak mendekua prestatzeari ekin zion. Eta bi anaia gazteak bilerara zihoazen haietako batean, han azaldu zen bere baserriko atarian, ohikoa zuen bezala, zigarro bat harro-harro erretzen. Patziku– Begira ezak Anjel, hortxe zegok maingua pipatzen16. Anjel– Goazemak, gaur zigarro bana atzeman behar diagu. Esan eta egin bat izan zen. Patziku agurea zirikatzen hasi zen eta bitartean, gibeletik, Anjelek makulu bat kendu zion tiroi indartsu batez. Bereak eta bost ikusi behar izan zituen agureak oreka mantentzeko eta lurrera ez erortzeko. –Madarikatuak, zikinak! Egun batean nire pistolaz garbituko zaituztet. Ala Jainkoa! –Bai, badakigu horretaz biziki trebea zarela, baina oraingoan ez badiguzu zigarro bana ematen, jai izango duzu gurekin. Entzun al duzu? Eta hori esatean Patzikuk agurea bultzatu zuen pixka bat oreka gal zezan. Hor ibili zen maingua ziraldoka17 lurrera ez erortzearren. –Nire makulua! Itzul iezadazue nire makulua, zerri potroso horiek! –Badakizu zer egin behar duzun itzul diezazugun! –erantzun zion Patzikuk algara handiz eta makulua ezpata bat bailitzan altxatuz. –Ez dizuet zigarrorik emango, astazakil horiek! Tiro bana emango dizuet! Azkenean, mainguak amore eman zuen eta sakelako petakatik zigarro bana eman zien. Gazteek, ordainez, makulua itzuli zioten. Poltsikoetan kontu handiaz gorde zuten eta gero, txoriak baino kontentago, bilerarantz abiatu ziren. Maingu zitalaren aurpegian irribarre gaiztoa azaldu zen. Zigarroak prestaturik zeuzkan egun horretarako, tabakoarekin batera bolbora hautsa nahasita. Bere mendekuaren tenorea iritsia zen. Hiru eta erdietarako bi gazteak bileran zeuden. Ordurako, baziren hango belar-soroan herriko hamaika neska lirain, eta beraien artean Joxepita eta Iñaxita, beraien andregai izateko aukeratuak zituzten lore ederrak. Eta soinujolearen doinu alaiekin batera hasi ziren ohiko dantzak, fandangoak eta arin-arinak hasiera batean, eta dultzemeneoa eta dantza lotu-lotuak gero. Nesken begietan bi anaiekiko miresmena irakur zitekeen. Arrunt maiteminduta zeuden bi anaiekin. Ilunabarra iritsi zen, eta baita etxera joateko ordua ere. Neska-mutilak koadriletan biltzen hasita zeuden. Behobiakoak Behobiakoekin, Meakakaokak Meakakoekin, Anakakoak Anakakoekin eta Olaberriakoak Olaberriakoekin. Lagun taldetan bildurik, kantuz eta irriz egiten ohi zuten itzulbidea. Momentua zen zigarroak ateratzeko eta beraien poderioa beste neska-mutilen aurrean erakusteko. Bi anaiek lasai ederrean atera zuten alkandorako poltsikoan gordeta zeukaten zigarroa eta su eskatu zioten Koxme lagunari. –Atera ezak txiskeroa Koxme, eta piztu iezazkiguk zigarro eder hauek! Beraiekin zeuden mutilek inbidia handiaz begiratu zieten eta neska guztiek miresmena handiaz. Joxepita eta Iñaxita gonetan ezin kabituz zeuden euren mutilen poderioa ikusita. Joxepitak harro heltzen zion Patzikuren besoari eta Iñaxitak gauza bera egiten zuen Anjelekin. A zer inbidia ari ziren pasatzen beste neska guztiak! Koxmek txiskeroaz bi anaien zigarroak piztu zituen. Patzikuk eta Anjelek dotorezia handiaz erretzen zuten, ahotik kezko erroskila biribilak atereaz. Denek miresmen handiaz begiratzen zieten. Joxepitak eta Iñaxitak bi mutilen besoetatik helduta jarraitzen zuten oraindik programatu gabe zeukaten ezkontzearen egunaz pentsatuz. Halako batean gertatu zen gertatu behar zena. Sua bolborara iritsi zen eta bi eztanda entzun ziren. Ondoren ikara oihuak. Bi anaien aurpegiak eta alkandora zuriak guztiz belztuta zeuden, baita besotik helduta zeuzkaten neskenak ere. Beste neska-mutilek, lau gazteen piura penagarria ikustean, barre zoroa egiteari ekin zioten. –Begira, begira! Ijitoak ematen dute! Kar, kar, kar…! Patzikuk eta Anjelek ezin zuten gertatutakoa sinistu, baina azkenean, mainguaren jukutriaz konturatu ziren. Andregai goitatuak negar batean ari ziren, lotsaren lotsaz. Bi mutilek kontsolatu eta beraien etxeetaraino lagundu zituzten. Eta gero, baserriko bidea egiteari ekin zioten. Han, bidean, maingua zegoen beraien zain eta mutilen itxura ikustean barre zoroa egiteari ekin zion. –Kar, kar, kar…! Kar, kar, kar…! Orduz geroztik gertatu zena ilun samarra da. Hurrengo egunean maingua bere baserriko askan itota topatu zuten. Irunen zabaldu zenez, makulua erori egingo zitzaion, oreka galdu eta askara jausi. Gizajoa! Eta historiako lau neska-mutilei dagokienez, jakin badakigu, hiru urte beranduago bi bikoteak egun berean ezkondu zirela Junkaleko parrokian. Elizako buelta egin ondoren ohiko bazkaria izan zen, eta gero soinua eta dantzak, orduko usadioari jarraiki, eta baita pattarra eta zigarro ederrak ere. HITLER HENDAIAKO GURUTZEAREN AURREAN 1940ko urriaren hogeita hiruko goizeko zortzi eta erdiak ziren. Hendaiako tren geltokira iritsi berria zen tren-bagoi ofizialetik zamarra arreaz eta kapela militarrez jantziriko gizontxo mustatxaduna jaitsi zen. Bere inguruan antzekoz jantzitako beste bospasei gizon zeuden. Alemaneraz mintzo ziren. Berehalaxe mercedes beltz bat gizontxoaren bila etorri eta hau bertara sartu zen beste hiru gizonekin batera. Herrian zehar bertako bazterrak ezagutzen ibili ondoren, herriko plazara abiatu ziren eta gero, udaletxetik gertu zegoen Done Bixintxoren elizarantz. Bertara iritsita, ate nagusian zain zeukaten zibilez jantzitako gizon bat. Sudur azpian bibote handia zeukan. Fulcanelli ezizenez ezagutzen dugun alkimista ospetsua zen. Elkarri agurtu ondoren Fulcanellik Hitler eta beste hiru lagunak elizako bazter batean kokaturik dagoen harrizko gurutze aurrera eraman zituen. Hitler ez zen isilik egoteko gizona, eta gurutzeari buruzko azalpenak eskatu zizkion. Fulcanellik, denbora galdu gabe, eskatutako azalpenak emateari ekin zion: –Hemen, elizaren aurrean ikusten duzuen harrizko gurutze hau ez da beti hemen egon. Zahar-zaharra da, XVI. mendekoa, edo agian zaharragoa, eta hasiera batean, badirudi Hendaiako hilerrian ezarri zutela, bertan eternitate osoz, arimen babesle izan zedin. Zenbait urte beranduago, eta ezagutzen ez dugun arrazoiagatik, orain dagoen toki honetara aldatu zuten. Pausa laburra, egin ondoren, kontatzeari segitu zion: –Jakingo duzuen bezala, euskaldunen larraldean gaude, eta Euskal Herria Europako herririk zaharrena izateaz gain, herri magikoa da. Bere zainak historiaurrean finkatzen ditu eta euskarak, beraien hizkuntza zaharra, euskaldunak ama-lurrarekin lotzen dituzten sekretuak gordetzen ditu. Aroen iluntasunetik izadiarekin loturiko jainko-jainkosak gurtu dituzte eta gero, kristau erlijioa etortzean, fede berria onartu zuten aurreko sinesmenak eta erritoak guztiz baztertu gabe. Euskaldunentzat kristau erlijioa ez da inoiz erlijio berria izan, bere sinesmenekin emandako pauso sinbiotiko bat baizik. Hitlerrek eta beste gizonek arreta handiaz jarraitzen zioten Fulcanellik emandako azalpenari. Tarteka, Hitlerrek bere mustatxa pailakatzen zuen. Fulcanellik, berriz, eskatutako azalpenekin segitzen zuen: –Euskal Herria bere ibilbide historiko luzean sorgin, azti eta txamanen herria izan da. Euskaldunak iraganaren, orainaren eta etorkizunaren jabeak eta jagoleak dira. Betidanik daude hemen, eta betirako. Arrotz inbaditzaile ugari izan dituzten arren, beraiek irauteko eta aurrera egiteko modua ezagutzen dute. Orain Frantzia eta Espainiaren artean banaturik badaude ere, beraiek sobera dakite ez dela horrela betiko izango. Erromatarrak jausi ziren bide beretik jausiko baitira haien ondorengo latinoak; eta Euskal Herria hor izango da, betidanik eta betirako. Fulcanellik beste pausa bat egin zuen aurrean zituen gizonen aurpegiak ikusteko. Hauek arreta handiz jarraitzen zioten. Hitlerrek, aginte soinuaz segitzeko esan zion: –Segi, segi aurrera, Fulcanelli jauna! Eta Fulcanellik, aurrera segitu zuen: –Herri miresgarri honek bi elementu gurtzen ditu, gehienbat: izadia eta askatasuna. Euskal txamanek antzinako sekretuak gordetzeaz gain, geroa ezagutzen dute. Euren sinbologia oso zabala eta aberatsa da. Zuen modura –aurrean zituen germaniarrei begira–, esbastika erabiltzen dute, eta hiru, lau eta zortzi bururekin. Formaren aldetik, berriz, biribilak eta karratuak erabiltzen dituzte. Dena den, gehien erabiltzen duten esbastika biribil lauburudun eskuinbirakaria da eta lauburu deitzen diote. Zura eta harria maisukiro lantzen dituzte eta bertan euren mezu esoterikoak ezartzen. Horixe da, esate baterako, aurrean daukazuen gurutze honetan zizelkatu dutena: gizateriaren lau aroak eta denboren hasiera eta amaiera. –Bai, entzuna genuen gurutze honetan zizelkaturik daukaten mezuarena! –moztu zuen Hitlerrek–, eta horretarako etorri gara hona eta zu adierazle gisa ekar arazi. Mesedez, Fulcanelli jauna, erantzun iezadazu garbi, deus ezkutatu gabe. –Aurrera jauna, prest naukazu! –Fulcanellik. –III. Reich-ak luze iraungo al du? –Hitlerrek, urduritasunak jota. –Ez jauna, ez du luze iraungo, zuhurtziarik gabe jokatuz gero! –Noiz izango da aroen amaiera? –Hitlerrek, urduri samar. –Zuk ez duzu ikusiko. Hurbil dago, baina oraindik urrun. Ezin da gizakion bizitzaz neurtu. –Eta irabaziko al dugu gerra? –Etsai gehiegi daukazu. –Fulcanellik, uzkur– Herri bakar batek ezin du kontinente oso baten kontra borrokatu. Irabazteko zuhur jokatu beharra dago eta aliatuak aukeratzen jakin beharko duzu. Espainiarren buruzagi ipotx degeneratuarekin egin nahi duzun aliantzak, Reich-aren erorketa aurreratu, besterik ez du erangingo. –Ongi da! –moztu zuen Hitlerrek, amorruz josia– Ongi da! –errepikatu zuen biziki haserre. Ez zuen gehiago esan, eta Fulcanelliz agurtu gabe, mercedes beltz alderantz abiatu zen. Bere hiru gizonek, isil-isilik, jarraitu zioten. –Agudo, tren-geltokira! –agindu zion txoferrari, eta honek autoa Hendaiako geltoki alderantz gidatu zuen. Egun berean, espainiarren Franco buruzagi faxistarekin biltzekoa zen Hendaiako tren-geltokian aparkatuta zeukan bere bagoi ofizialean. Aliantza bat bilatzen zuen berarekin. Baina orain, Fulcanelliren hitzei sinesgarritasun osoa emanez, zalantza handia zeukan bere baitan. Zer egin? Francorekin aliatu ala inolako aliantzarik gabe Espainia inbaditu eta ipotx hura begi bistatik betirako kendu? Hitlerrek Francoren eskua estutu zuenerako bazuen erabakia egin beharrekoa: ez zuen espainiar harroxko harekin inongo akordiorik egingo! ELURRETAN HARRAPATURIK 1956ko otsailean elurte handi batek Euskal Herria bete-betean harrapatu zuen. Elurrak bazter guztiak zuritu zituen. Hurrengo egunetan tenperaturak ikaragarri jaitsi ziren eta lurra estaltzen zuen elur geruza lodikotea hormatu zen. Izotza zen nonahi. Otsailaren 15ean, goizeko lehen orduetan, Miel Irazoki Lekunberriko bere etxetik atera zen, aunitzetan egiten zuen bezala, San Migelen baselizaraino oinez joateko asmoz. Eguerdian, bertako kantinan, salda beroa hartu eta arratserako berriro etxeko goxotasunean. Horixe zen bere asmoa, bederen. Mielek ttikitandik ezagutzen zituen hango bazterrak, eta elurra ez zen eragozpena beretzat, urteroko kontua baizik. Eta horrela, gehiago pentsatu gabe, hirurogei urte inguru zituen gizonak, berokia eta txapela jantzita, San Migel aldera abiatu zen. Eskuan makila zeraman eta Gorri artzain-zakurra bidelagun. Haize hotzak min egiten zion arren, Mielek aitzina jarraitu zuen. Hango bazterrak ondotxo ezagutzen zituen eta ez zen elurretan kikiltzen den horietakoa. Egia esateko, gizon gogorraren fama zuen Larraungo eskualde osoan. Urte luzetan artzain ibilitakoa zen eta bailara osoan ezagunak ziren bere gazte ibilerak. Emazteak kontu handiz ibiltzeko esan bazion ere, ez zuen inolako beldurrik sentitu senarra San Migelera zihoala ikustean. Ohitua zen. Elurra mara-mara ari zuen, etengabeki, eta hormatutako bazterrak estaltzen zituen. Zuria zuriaren gainean. Elurra elur izoztuaren gainean. Gero eta gehiago botatzen zuen. Hala eta guztiz ere, Mielek eta bere zakurrak aurrera jarraitzen zuten. Ordurako hiru ordu ziren bidean ari zirela eta norabidea galtzen hasita zeuden. Elur gortina lodi batek ikusmena eragozten zien eta ezagutzen zituzten erreferentziak estaltzen. Halako batean, borda batekin egin zuten topo. Gehiegi pentsatu gabe barrura sartu ziren. Ez zen biziki handia, eta zurezko mahai bat bazen itzalitako tximiniaren aurrean. Tamalez, han ez zen egurrik eta ez sua piztekorik. Haatik, kanpoko eguraldiarekin alderatuta, borda barneko tenperatura zertxobait epelagoa zen. Epeltasun hartan Mielek aterpe bilatu zuen. Elur-ekaitza atertzean, bordatik irteteko eta egin beharreko bidaiari berrekiteko asmoa zuen. Denbora luze igaro arren, ekaitza ez zen baretzen. Hiruzpalau ordu pasa ziren eta elurteak gero eta handiagoa zirudien. Bordako atea zabaldu eta irteera oztopatzen zion metro eta erdiko pareta zuria topatu zuen. Bertatik ateratzerik ez zegoenez gero, bertan gaua pasatzea erabaki zuen. Izkina batean zeuden mantez estalirik eman zuten bai Mielek eta bai zakurrak gau hotz hura. Hurrengo goizean, esnatu zirelarik, Mielek atea zabaldu zuen berriro eta irteera oztopatzen zien pareta zuriarekin egin zuen topo. Kanpora nekez atera, txiza egin, bazterrak miatu… eta berriro barrura, bordako goxotasunera. Elurteak indar handiz jarraitzen zuen eta baldintza horietan ez zen inora joaterik. Horrela eman zuten egun hura, eta hurrengo biak, eta baita hurrengo biak ere. Hotza txarra bazen, gosea okerragoa oraindik. Bost egun zeramatzaten ahora ezer eraman gabe. Egoera larri hartan erabaki bat hartu beharra zegoen, eta Mielek, bere borondatearen kontra izan bazen ere, hartu behar izan zuen. Hurrengo goizean, elurteak berean jarraituz gero, zakurra hilko zuen jateko. Bestela, han ez zegoen salbaziorik. Gau hura, aurrekoak bezala, manten azpian, ondo babestuta, eman zuen, zakurra bere ondoan, pega-pega eginda zuelarik. Huraxe zen bientzat berotasun iturri bakarra. Lo egin aurretik, solasaldi luzea eduki zuen bere zakurrarekin. Hurrengo egunean egin behar zuenaren berri eman zion eta baita barkamena eskatu ere. Gorri etxean jaiotako zakurra zen eta berarekin artzaintza kontuetan ibilia. Biak lagun zaharrak ziren, eta begietara begiratuta, elkarri ulertzen zioten. Zakurrak arreta handiz entzun zuen nagusiaren azalpena, eta gero, triste samar, haren ondoan eseri zen. Mielek mantak prestatu, eta gauero egiten zuen bezala, ordezko hortzeria kendu eta mahai gainean utzi zuen. Geroxeago, manten azpiko goxotasunean sartu orduko, zakurra arrimatu zitzaion eta ondoan lotan jarri zen. Horrelaxe eman zuten gauaren hotza. Goiza iristerakoan, Mielek atea zabaldu eta kanpora begiratu zuen. Elur-ekaitzak indar handiz jotzen zuen. Ez zegoen infernu hartatik ateratzerik. Gose zen eta flakiak ikaragarri handia sumatzen zuen. Bizi nahi bazuen, zakurra hil beharko zuen ezinbestean. Esku dardaratiaz bezperan mahai gainean utzitako ordezko hortzeria bilatu zuen, bilatu bai, baina aurkitu ez, mahai gainean ez baitzegoen ezer. Gehiegi ulertu gabe, bordako izkina guztiak arakatu zituen, baina alferrik! Mahai azpian, luze etzanda zegoen zakurrak begirada tristeaz begiratzen zion. Orduantxe ulertu zuen Mielek gertatutakoa, eta zakurrari begira horrela esan zion: –Gorri, non utzi dituk nire hortzak? Zakurrak entzun eta ulertu egin zion arren, ez zuen inolako zirkinik egin. –Ez al didak erakutsiko non utzi dituan? Gaiztotxo bezain azkarra haiz hi, Gorri. Ulertu behar duk jan behar haudala, ez zagok beste erremediorik. Orduan, zakurra altxatu zen eta zaunka hasi zitzaion.Muturraz bordako atea zabaltzen ahalegindu zen. Mielek, zakurraren nahikariaz konturatuta, atea zabaldu eta manta kiribildu batez babestuta, zakurrak urratutako bidea egiteari ekin zion. Zakurra ez zen inoiz gelditu ere egiten, eta zaunka Mieli segitzeko agintzen zion. Bost ordu beranduago, Lekunberriko bere etxe aurreraino eraman zuen. Atean jo, andreak zabaldu, eta senar-emazteak besarkada luze batean bildu ziren. Ate ondoko izkina batetik, isatsa alegeraki mugituz, Gorri zakurrak bozkario handiaz begiratzen zien. IKARA ATAUNERAKO AUTOBUSEAN Azken hamarkadetan garraiobideek aurrerapen ikaragarria eduki dute Euskal Herriko geografia osoan eta errepide eta trenbide berriz josirik azaldu zaigu. Gaur Donostiatik Ataunera autoz joatea hiru ordu laurdeneko kontua da, 1960ko hamarkadan, berriz, Gipuzkoako hiriburutik Ataunera joateko gehien erabiltzen zen modua Beasainerako trena zen (ordubete inguru) eta gero Beasainetik Ataunera eramaten zuen autobusa hartu beharra zegoen (beste ordu erdi bat inguru), bidean geldiketa ugari eginez. Ez dago esan beharrik orduko autobus zaharkituek ez zutela zer ikusi handirik oraingo ultramodernoekin. Bus haietan ibiltzea abentura handia zen eta Beasainetik Ataunera zihoan autobusean ibiltzea abentura handiago oraindik. Jendez lepo ibiltzen zen, poliki-poliki, eta hori dela eta, oso ohikoa zen zenbait jendek autobuseko gainaldera igota bidea egitea. Horrez gain, esan beharra dago bidaia haietan pertsonak, etxabereak eta neurri guztietako objektuak nahasten zirela zorioneko autobusetan. Haietako bidaia-abentura batean gertatutakoa hartuko dugu orain hizpide. 1965eko uztaila zen, asteartea. Eta ohikoa zuen bezala, Ataunerako autobusa Beasainetik jendez mukuru (1) beteta atera zen, gainezka bai, baina ez jendez bakarrik, txekor bat ere baitzeramaten autobuseko atzealdean eta hilkutxa handi bat sabai gainean ongi loturik. Ataunen bazen amona zendu berri bat lurperatu beharrean eta Beasaingo ehorzketa-etxean enkargatutako zerraldoa autobusean zeramakioten. Autobusaren barnean adin guztietako jendea pilatzen zen eta sabai gainean bospasei lagun zeuden eserita hilkutxaren ondoan. Bai busaren barnekoak eta bai gainekoak hizketan ari ziren, hitz aspertuan. Uztaila zen arren, zerua goibel zegoen eta edozein momentutan euria botako zuela zirudien. Halako batean, zaparrada batek bazterrak hartu zituen baita autobuseko gainaldean zihoazen bidaiariak ere. Aterkia zeramatenek zabaldu egin zuten eta aterpe non bila ez zekien mutil xelebre bat hilkutxa barrura sartu zen. Lazkaoko geltokira iristean autobusa zenbait minututan bertan gelditu zen. Batzuk jaitsi eta berriak igo egin ziren. Autobus gainaldeko guztiak Lazkaora jaitsi ziren, guztiak hilkutxan goxo-goxo zegoena izan ezik, Ataungo San Martin auzora baitzihoan. Baina, jaitsi zirenak baino jende gehiago igo zen antza, eta aurretik estu-estu zeuden bidaiariek oraindik gehiago estutu behar izan zuten. Txekorra erdi itota zegoen hainbeste bizangodunen artean. Estutasunean simaurra egin zuen eta haren hatsa autobus osora zabaldu zen. Lazkaon igotako bost bidaiari gazteak autobuseko gainaldera igo ziren, hilkutxa ondora. Ordurako atertua zen eta ez zuten inolako goardasolik zabaldu behar izan. Bost gazteak poz-pozik zeuden, Lazkaoko tabernetan muturra berotuta, eta lasai asko dantzatzen zuten mihia. Tarteka bertsotan ere aritu ziren. Autobusak mantso-mantso aurrera jarraitzen zuen. Barnealdean pilaketa eta zibilizazio kiratsa ziren nagusi. Ataungo San Martin auzora iristeko kilometro pare bat falta zirenean, sabai gaineko gazteetako batek ozenki bota zuen: –Ataunen gatxik! Eta orduan, autobuseko gainaldeko hilkutxaren estalkia altxatu eta barrendik esku bat atera zen. Denbora berean, zerraldo barrutik irteten zen ahotsa entzun zuten: –Atertu al du? Autobuseko gainaldean zihoazen bost gazteak hasieran mutu eta zurbil gelditu baziren ere, laster, ikarak harturik, ihes egiteari ekin zioten, izu garrasi ikaragarriak jaurtiz. Autobusa martxan zegoenez, ihesa ez zen bat ere erraza izan. Bizpahiru burdinazko zurubitik jaisten ahalegindu ziren, leihoetako kristaletatik, gertatzen ari zena ezin ulertuz, begiratzen zieten gidariaren eta beste bidaiarien arreta bereganatuz. Beste biek bide-txigorra hartu zuten, eta hilkutxako mamuaren hatzaparretan ez erortzearren, jauzi egin zuten martxan zihoan autobusetik. Bidean geratu ziren, hauts artean etzanik, konortea galdurik eta heriotzatik gertu. Gidariak autobusa geldiarazi zuenerako, sabai gainean zihoazen bost mutilek aberia handia hartuta zeukaten. Gidaria eta bidaiariak, gertatutakoa aztertzeko betarik gabe, laguntzera abiatu zitzaizkien. Huraxe zen sarraskia! Zurubitik jaitsitakoek besoak eta hankak hautsita zeuzkaten, eta jauzi egindakoek konorterik gabe segitzen zuten odolez eta hautsez estalirik. Laguntza lanetan ari zirela denak, autobuseko gainaldean zegoen azken bidaiariak, hau da zerraldoan lo kuluxka egin zuenak, honela galdetu zien goiko aldetik, ikusten ari zena ezin endelegatuz. –Eta horiei zer gertatu zaie? ERREPIDEAK ERRAMAN ZUENA XX. mendeko 70eko hamarkadan autoen zabalkunde handia etorri zen Euskal Herrira. Familia askok lehen autoa erosia zeukaten eta aste gorrian lanerako joan-etorriak egiteko erabiltzen bazuten ere, igandea iristean, familia osoa auto barrenera sartu eta egun pasa egitera abiatzen ziren. Asko eta askok transistore bat eramaten zuten eta horrela zeuden tokian zeudela estropadetako edota futbol partiduetako transmisioak entzuten zituzten. Horretara iristea zen erdi mailako burges guztien nahikaria. Donostiako zubeldiarren etxean horixe lortu nahi zuten eta aspaldidanik zebiltzan dirua aurrezten autoa erosteko. Beharrezko sosak lortu zituztenean kotxe dotorea erosi zuten eta eguzkiak berotu zuen lehen igandean orduko euskal burgesiaren ametsa betetzeko prestatu ziren. Etxean sei ziren: Luxio eta Miren gurasoak, Iñaki semea, Arantza eta Koruko alabak eta amona Pakita. Beraz, autoan sartzeko eta hortik barrena mugitzeko kopuru arazoa zeukaten, eta gainera amonaren osasun egoerak eragozpena larritzen zuen, aspalditik elbarriturik zegoenez aulki gurpildun batean mugitu beharra baitzeukan, eta noski, ezin zuten autotik zintzilik, atoi moduan, eraman. Huraxe zen zubeldiarren buruhauste berria. Igandeetan egun pasa egin nahi eta ezin. Azkenean Luxiori bonbilla piztu zitzaion. –Igandean Hondarribiko hondartzara joango gara. Zer iruditzen zaizue? –Primeran Luxio, baina eta amona, zer egingo dugu berarekin? –Mirenek, bere etsipena ezkutatu ezinik. –Gurekin eramango dugu. –Eta nola? Non sartuko dugu? –Parrilla bat erosi dut, eta bertan eramango dugu amona bere aulkian eserita. –Erotu al zara gizona? Zer nahi duzu, amonizidio bat egin, ala? –Miren, entzun ezazu ongi. –Senarrak, azalpenak serio eman nahian – Zientziak izugarri aurreratu du eta dagoeneko oso parrilla seguruak asmatu dituzte. Primeran joango da hor goian, eta gainera eguzkiaz gozatuko du guk baino gehiago. –Eta guardiak? Harrapatuz gero kristoren isuna jarriko digute! –Ez emakume. Gaintxurizketatik barrena joango gara, poliki-poliki. Hor ez da guardiarik izaten. Igande goiza iritsi zen eta planeatu bezala egin zuten. Familiako bostak auto barrura sartu ziren, amak egindako tortillak eta ardo-zahatoa maleta-ontzian eta sabai gaineko parrillan amonaren aulkia ezarri zuten, estu-estu loturik. Amona bertan eseri zuten, patxada handiaz, eta eguzkiaz babesteko bixera handi bat jarri zioten. Eta badaezpada ere, Gipuzkoako kostaldean horren sarritan izaten zen ustekabeko zirimiriaz babesteko, aterki handi bat ipini zioten aulkiaren beso batetik zintzilik. Hauxe guztia eginik, Luxiok autoa piztu zuen eta zubeldiarren autoa, emeki-emeki, lerratu zen errepidean barna. Egun polita zen, eguzkitsua… eta bazter guztiak berde eta eder zeuden. Huraxe zen bizimodua! Zubeldiarrak pozaren pozez zeuden. Autoak aurrera jarraitzen zuen: ttirri-ttarra, ttirri-ttarra… ez zen abiadura handiaz mugitzen. Iñaki eta Arantza seme-alabak kantuz ari ziren: Horrela biziko bagina beti, horrela biziko bagina beti, horrela biziko bagina beti, ondo bizi Kattalin! Ordu erdi batez Errenterian plantatu ziren eta berehalaxe Lezora iritsi ziren. Gaintxurizketako malda nekez igo zuten eta orain jaisteari ekin behar zioten. Beste ordu erdi bat eta Hondarribiko hondartzan egongo ziren. Gaintxurizketatik behera zihoazela, ustekabean, amonaren aulkia lotzen zuten lokarriak askatu ziren eta aulkia errepidera erori. Jaungoikoari esker zutik jausi zen eta ziztu bizian amildu zen errepidetik behera. Luxiok, azeleragailua indar oroz zanpatu zuen arren, ez zuen lortu amonaren aulki gurpildunera hurbildu ere egin, eta amen batean amona eta bere aulkia hodei-ertzean galdu ziren, edo hobeto esanda, errepide-ertzean. Alferrik bilatu zuten errepidean eta inguruetako bazterretan, alferrik kontatu zuten gertatutakoa garaiko irrati eta egunkarietan, eta poliziek eta suhiltzaileek alferrik bilatu zuten Hondarribiko kostaldean, inoiz gehiago ez baitzen amona Pakitaren arrastorik aurkitu. LURRAREN DEIA Aitatxi Xan eta amatxi Graxiana Hendaiako Lafittenea baserrian bizi ziren, Irandatzeko gainean, eta bertatik Txingudiko badia ezin hobeto ikus zezaketen. Xan Ibargarai Lafittenean sortua zen, baita bere aita eta aitxatxi ere. Huraxe zen euren etxea, euren lurra, eta bertan hazia zen euren odola. Sei seme-alaben guraso ziren eta hamaika biloben aitatxi-amatxi. Den-denak Hendaian edota inguruko herrietan bizi ziren eta maiz, denon sehaska zen baserrian biltzen ziren, mahai inguruan, amatxi Graxianak egindako bazkari eta afari goxoak dastatzeko. Edozein aitzakia zen ona baserriko mahaian familia osoa biltzeko eta elkarrekin euskal kantu ederrak abesteari ekiteko. Xanek hirurogeita hamaika urte zituen eta Graxianak hirurogeita bederatzi, baina oraindik sasoitsu ziren, osasun ona zeukaten eta bizitzeko grina handia. XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren lehen urteak ziren eta Hendaia izugarri handitzen ari zen. Etxe berriak nonahi eraikitzen zituzten eta ordurako Irandatzeko gaineko magaletatik goiti lehen etxeak altxatzen hasita ziren. Xanek eta Graxianak baratzetik arrangura handiz ikusten zituzten etxe berriak euren lurretara hurbiltzen. 1972ko apirilaren bian, herriko etxeak igorritako gutuna iritsi zitzaien etxeko posta-ontzira. Graxianak gutuna ireki zuen, baina ez zuen gauza handirik ulertu, frantsesez idatzita baitzegoen. –Seme-alabak jiten direlarik, erranen didate zer jartzen duen! –pentsatu zuen bere kolkorako, eta garrantzi gehiago eman gabe, sukaldeko bazter batean laga zuen. Handik zenbat egunetara Koxe, semerik zaharrena, baserrira joan zen aita-amak ikustera. Guraso zaharrak izugarri poztu ziren semea etxean ikustean eta Graxianak berehalaxe otordu ederra prestatu zuen hirurentzat. Mahaian jarrita zirela, Graxianak jasotako gutuna atera zuen eta semeari eman. –To Koxe, lehengoan eskutitz hau iritsi zitzaiguan etxera, erranen al higuke zer jartzen duen? Koxek gutuna zabaldu eta irakurtzeari ekin zion. Berehalaxe aurpegia arrangura-itzal batez ilundu zitzaion. –Zer gertatzen da Koxe? Ez al dira berri onak? –galde egin zion Xanek, semearen aurpegi txarraz konturatuta. –Ez aita, bat ere onak. Herriko Etxeak aditzera emaiten digunez, bortz hilabete ditugu etxea husteko eta bertatik joaiteko. Irandatzeko gain guztia etxez bete behar omen dute. Beranduago jakinaraziko digute zein den metro koadro bakoitzeko ordainduko digutena. Xanek eta Graxianak ez zuten fitsik ere esan, baina euren aurpegietan barruan zeukaten sufrikarioa nabarmen ikus zitekeen. –––––––––– Agindutako bost hilabeteak igaro ondoren, bigarren gutun bat bidali zieten, ordaindu behar zieten sos kopurua zehaztuz, eta baserria uzteko azken eguna zein zen azalduz: Uztailaren zazpia.Gero, hondeamakinak eta induskailuak bidaliko zituzten etxea eraistera. Xanek eta Graxianak egunez egunekoan, deus esan gabe, jarraitzen zuten. Seme-alabek, paperen afera euren gain hartu zuten gurasoen sufrimendua arindu nahian. Koxek berarekin eta bere familiarekin bizitzera tren geltokitik hurbil zuen etxe-bizitzara eramango zituela esan zien. Xanek eta Graxianak, uztailaren zazpian, eguerdian, bila joateko erantzun zioten. Eta Koxek horrela egin zuen, goiz hartan, beste zenbait anaia-arrebekin batera gurasoen eta eraman beharreko gauzen bila Lafittenera igo baitzen. Harridura handiz ikusi zuten baserriko atetik ez zela inor ateratzen. Barrura sartu eta aita-amen arrastorik ez. Asaldatuta, bilatzeari ekin zioten. Mirentxu alabak aurkitu zituen. Baratzean zeuden, hilik, lurrean etzanik odol putzu batean, eta eskua elkarri emanik. Eskumuturretako zainak moztuta zeuzkaten. Ez zuten inolako mezurik utzi, baina beharrik ere ez zegoen, seme-alabentzat han gertatutakoa aski garbi baitzegoen: Xanek eta Graxianak ez zuten euren etxetik alde egin nahi, eta lurraren deiari erantzunez, azken hatsa eman zuten Lafitteneko baratzean. PATXI HONDARRA 1984ko otsailaren egun ñabar, goibel eta heze batean pentsakor eta kezkati nengoela, nire irudimenak jauzi bortitz batez hogeita hamaika edo hogeita hamabi urte atzera egin zuen. Ni ordurako urtebete lanean ari nintzen hamabost edo hamasei urteko gazte sasoitsua nintzen. Amarako tren geltokiaren ondoan, Amarako bihotza den Easo Plazan bizi nintzen eta arrotz irabazleek “Generalísimo” izenaz birbataiatutako kalean egiten nuen lan, zehazkiago Kursaal Handia kasinoaren ondoan. Egunero, etxetik lanera eta lanetik etxera egiten nituen bi ibilaldiak berberak ziren: Easo plaza, Larramendi eta Prim kaleak, Foruen ibilbidea, Santa Katalina zubia, Ramon Maria Lili ibilbidea eta “Generalisimo” zelako hura edo alderantziz. Baina nire gogoetak garai hartan urduri samar eta asmo berriz beteta , nire lantokira joateko eguneroko bidean, oso maiz ikusten nuen eta urte haietan arrunt normala iruditzen zitzaidan gertakizun batera bahitu ninduen. Urumea ibaiaren ertz batean, Ramon Maria Lili ibilbidearen parean edo, gerriraino edota kolkoraino uretan eta eskuan garai hartarako luze samar zen pala zabala zuelarik, gizon bat aritzen zen ibaiaren hondotik hondarra ateratzen. Horretarako gondola zapal baten itxura zuen gibel handiko gabarra irauli ezina erabiltzen zuen eta hor egoten zen edozein urte sasoitan bere gabarraz eta bera palaz ibaiaren hondoari hondarra lapurtu nahian. Nire ustez, eta nire gogoak ez badit hutsik egiten, bazeuden beste gizonak lan berbera egiten zutenak, baina hauek gabarratik jaitsi gabe eta metalezko pala baten bidez aritzen ziren hondoak nahastekatzen eta hondarra ateratzen. Baina nire gogoetak egunero Urumea ibai lagunak bustitzen zuen gizonarengana eraman ninduen. Ez dakit zein ote zen bere izena baina neronek Patxi izenaz bataiatu nuen eta Hondarra deituraz. Hona hemen bada gure gizona: Patxi Hondarra. Gizon hau beti itsasoari begira bizi zen, hondarra beti itsas behearen aurretik edota atzetik atera behar izaten baitzuen. Ez zuen ordutegi onik. Askotan Loiola eta Egia lotzen dituen zubi sendo eta lirainaren aurrean egoten zen bertako ertzetan zegoen hondar fin ugaria ateratzen. Sarritan, goizaldeko ordu txikietan, bere lagunik onena zen Urumea ibaiaren indarraz baliatuz eta veneziar gondolari onenaren trebeziaz, bera bezain idorra zen gabarra uretara bultzatu eta ondoren, bere gabarraren punta batetik bestera joan eta brankan zeukan arraun moduko egur luze eta sendo baten bidez gabarra uretan barneratzen zuen, ibai behera abiatzeko. Hau oso maiz egiten zuen eta bere lagun mina zen Urumearen ondoan igarotako goizaldeek eta berarentzat guztiz ulergaitza zen Kristina-Eneko txorien txiotxoak bere lan neketsu eta bakartian laguntzen zioten. Donostiar guztiok ederki dakigun bezala, Donostiaren bihotza Kontxako badia da eta Urumea bere bizkarrezurra, bere ardatz nagusia. Eta Patxi Hondarrak bi lagun handi zituen: Urumea ibaia eta itsasoa, biekin etengabeko harremanetan aritzen baitzen. Itsasoak Zurriola, Kontxa eta Ondarretatik ebatsitako urrezko hondar ale distiratsuak Urumeako bi ertzetara eramaten ditu eta bertan aritzen zen Patxi gurea hondar horiek ateratzen gero Donostiako eraikinetarako bideratzen zituzten kontratistei saltzeko asmoz. Eta honela, egunero donostiar askoren begiradapean, Patxi Hondarrak, Urumearen bideari jarraiki, Donostia osoa zeharkatzen zuen goitik behera eta behetik gora. Lehendabizi Burdinazko Zubia, eta gero langile goiztiarrez lepo gainezka egoten ziren Maria Kristinarena eta Santa Katalinarena. Eta itsasoa, hondarra agerian uzten, atzeratzen zenerako han egoten zen Patxi Hondarra uretan sartuta. Goizaldi haietan Patxi hanka hutsik eta Mahongo galtza urdin batzuk jantzirik uretan sartzen zenean, bertako korrokoiak izaten ziren bere lekuko isil eta ia bakarrak. Denboraren poderioz, Donostiako eraikinak material berriez egiten hasi zirenean, Patxiren hondarrak erdi ahazturik gelditu ziren, kalitatearen aldetik ez baitziren lehiatzeko modukoak. Patxik, zeharo zahartuta, bere eskuak artrosiak okertuta eta bere gorputza erreumak jota zituelarik, lanari utzi behar izan zion. Urteak igaro ziren eta askotan, Loiolako zubiaren azpian lehorreratuta eta guztiz hondatuta zegoen gabarraren ondoan, Urumearen ertzeko hondar-harri batean eserita egoten zen Patxi bere bilobei Urumean bizitakoak kontatzen eta hauek arreta handiz entzuten zioten. Honela, kontakizun hauei esker, Patxiren bilobek eduki zuten urte luzetan bere aitonaren lagunik onenak izan ziren gabarraren eta Urumearen berri. Bestetan, Ondarreta hondartzara joaten zen itsasoak hondarra nola lapurtzen zion ikustera. Biloben artean, maiteena, kuttunena, Joanito izenekoa zuen. Eta Heriok Patxi eraman zuenean, Joanito bilobak bete izan zuen aitonak eskatutako azkena. Aitona hilberriaren gorpua Loiolako zubiaren azpian zegoen gabarra zaharraren oholez egindako zerraldoan sartu eta inguruetako hondarrezko ertz batean ehortzi zuen. Joanitok ondotxo egin zuen bere lana, eta honela, beraren bitartez, Patxik bere familiaren eta anonimatuan hainbeste maitatu zuen hiriaren ongi merezitako omenalditxoa jaso zuen. (Osaba Daniel Barandiaranen ipuinari egindako itzulpena) ZERUAN FRONTOIRIK BA OTE? Txomin eta Bixente ttikitandik izan dira lagunak. Eskolan elkarrekin ibili ziren eta bertan zirela frontoiaz zaletu ziren. Orduz geroztik, pilotari bikote ezin hobea osatu dute. baina urteak ez dira inorentzat alferrik igarotzen, eta dagoeneko bi lagunak burua soil samarra daukate. Hala eta guztiz ere, osasunak eta emazteek uzten dietenean, frontoira joaten jarraitzen dute eta beti bezala bikote ezin hobea osatzen jarraitzen dute. Horrelako batean frontoian zeudela, Txominek bere kezka handia azaldu zion lagunari: –Bixente, herriko erretoreak dioenez, hil eta gero zerura joango gaituk eta bertan bizimodu ona eramango diagu. Hemengoa bezalakoa erraten dik. –Bai Txomin, horrela ziok, hemengoa bezalako bizimodua, berdin-berdina! –Baina hik uste al duk zeruan frontoirik egongo dela? Ederra egin behar diagu bestela guk biok, zerura joan eta frontoirik ez. Horretarako hobe hemen geratzea. –Bai mutil, arrazoiak duk. Erretore jaunari galdetu beharko zioagu –Txominek, zalantzez mukuru. –Eta zer erranen ziguk On Ilariok, bera ez duk inoiz zeruan egon eta! – Bixentek. –Horretakoz, onena diagu gu bion arteko akordio bat egitea. Hau duk, gu biotatik hiltzen den lehenak, zerutik jaitsi eta frontoia ba ote denentz abisua emango ziok besteari. Hiri zer iruditzen? –Txominek. –Primeran, hagitz ideia ona eduki duk. –Bixentek, hagitz kontent. Bi lagunek, elkarri eskua emanez, egin zuten tratua. Handik bost urtera gaitzak Txomin eraman zuen eta Bixente arras penaturik gelditu zen lagunik eta pilotarako bikotekiderik gabe. Haatik, ongi gordeta zeukan gogoan garai batean lagunarekin egindako tratua. Hilabeteak, bata bertzearen gibeletik igaro ziren eta Txominen berririk ez. Bixente etsitzen hasita zegoen. – Zer, Txomin? Egindako tratua ahantzi duk, ala? Baina Txomin hil zeneko urtea betetzear zegoela, Txomin agertu zitzaion ohean erdi lotan zegoen Bixente lagunari. –Bixente, Bixente, ni nauk, Txomin, hire laguna, eta egindako tratua betetzera etorri nauk. Bixentek berehala ezagutu zuen lagunaren ahotsa eta bat ere gupidarik gabe, galde egin zion: –Bazuan garaia etortzeko. Erran ezak. Ba al da frontoirik zeruan? –Bai mutil, lurrean bezalaxe, eder-ederrak. Eta gainera igande honetako partidan hi izango haiz berriro nire bikotekidea. HERIOTZA ARTEKO UZTARKETA Joxepi gaixoa alarguna zen, eta gaixoa diot ez zekielako bere senarrik gabe bizitzen. Ahalegindu zen arren inoiz ez zuen lortu bere senarraren heriotzak utzitako hutsunea betetzen. Bilbotarra zen, Santutxukoa, eta hiru seme-alaba ezkonduen ama. Hauek asko maite eta zaintzen bazuten ere, inoiz ez zuten amaren atsekabea arintzen lortu. Joxepik berak ere ondotxo zekien egoerari buelta eman behar ziola, eta gogotik saiatzen zen. Auzoko jubilatuen elkartean sartu zen eta beraiekin batera ibilia zen besta eta txangoetan. Baina alferrik, inoiz ez bazuen lortu bihotzean sakon sarturik zuen samina arintzen. Hiruzpalau emakume alargunekin batera Benidormera joana, eta Koñoaren kalean18 ibilia zen. Baina alferrik, senarraren gabezia ongi sustraiturik baitzuen bere baitan. Josepik bizitzeko ilusioa galduta zeukan Beñardo senarra minbizi traidore batek mundu honetatik eraman zuen egun beretik. Fededuna zen oso, eta bere itxaropen bakarra, hil ondoren, senarrarekin berriro biltzen zen. Horrela egin zituen zazpi urte, etxe aurreko bidean auto batek harrapatu zuen arte. Egia esateko, autoak ez zuen ahalegin handirik egin behar izan Joxepi harrapatzeko, haren bizitzaren azken boladan, ez baitzuen ezker-eskuin begiratzen errepideak zeharkatu aurretik. Eta horrela, oharkabean, Balbek eraman zuen berekin. Hauxe izan zen zazpi urtetan itxarotako momentua. Joxepiren arima aratz eta gardena libre zen eta paradisuko bideetatik barrena abiatua zen Beñardo senarra izan zenaren bila. Zelai eder zabal batean erromeria zen. Euskaldun pilo bat zegoen bertan, gizonezko gehien-gehienak txapela buruan jantzita. Fandangoetan ari ziren. –Han egongo da Beñardo nirea, dantzaria amorratu baitzen! –pentsatu zuen Joxepik, dantzan ari izen jende multzorantz hurbilduz. Momentu hartan azken fandangoa jotzen bukatu zuten eta dantza lotuarekin hasi. Han ziren denak, poz-pozik, helduta, eta horietako aunitz aski arrimatuta. –Ene, lizun hauek hemen zeruan? –pentsatu zuen Joxepik hura dena ikusita. Halako batean, Beñardo ikusi zuen dantzan neska lirain polit gazte batekin. Hauek ere aski arrimaturik. Gehiegi pentsatu gabe, Joxepi lasterka eta garrasika abiatu zen senar izandakoarengana. Bihotza taupada handiz zebilkion. –Beñardo, Beñardo laztana, azkenean errekuperatu zaitut! Zatoz, zatoz nire besoetara maitea! Baina Beñardoren aurpegian ez zen Joxepirenean ikusten zen poz bera azaltzen. Harrituta eta burumakur zirudien. Joxepi hurbiltzean, atzera egin eta ihesari ekin zion. Joxepi atzetik zihoakion poz bortitz batek hartuta. –Zatoz maitea, zatoz Beñardo. Joxepi naiz, zure emaztea! Erromeria egiten ari zen zelaitik aldendu ziren biak korrika batean eta haitzurdin19 zurizko jauregi eder batera sartu. Han, beste gizonekin hizketan, bazen bizar zuri dotore bat, denen burua ematen zuena. San Pedro zen. Beñardo harengana hurbildu zen. Joxepi ere atzetik heldu zen arnas eztulka. –Zer gertatzen da hemen? –galde egin zien gizon bizar zuriak. Joxepik Beñardo bere senarra izan zela eta eternitatean harekin bizitzeko asmo sendoa erakutsi zion. –Eta zuk zer diozu? –galdetu zion gero ordura arte isilik egon zen Beñardori. Eta honek erantzun: –San Pedro jauna, jakin beza berorrek, nik, Joxepirekin ezkontzean, elizan egin nuen promesa hau izan zela: Beti elkarrekin heriotzak banatu arte! INTSAUSTITARREN IBILERAK PIRINIOETAN BARNA Intsaustitarren etxean hura zen egun seinalatua, urte osoan amestutakoa: oporraldiaren lehen eguna. Donostiako etxebizitza hilabetez hustu eta Pirinioetan barrena ibiltzeko asmoa zeukaten. Aitak autoa etxeko soto aurrean jarri, eta denon artean trastez bete ondoren, denak barrura sartu ziren eta autoa piztu. Berehalaxe, bidea egiteari ekin zioten. Aurrean txofer aita Mañuel zihoan eta eskuinean eserita, kopilotu, Garbiñe emaztea. Atzeko eserlekuan jarririk Irati eta Asier seme-alabak, amoña Nikolasa eta Xibi zakur txikia. Maleta-ontzian, berriz, era guztietako trasteak. Beraien asmoa Bartzelonaraino joatea zen. Lehen egunean Iruñean barrena ibili ziren. San Fermiñak pasatu berriak ziren arren, giro aparta zegoen nafar hiriburuan. Bertako hostal batean egin zuten lo. Hurrengo egunean Zaragozara iritsi ziren. Bertan eman zuten eguna eta Ebro aurreko hostal batean aterbetu ziren gaua pasatzeko. Hurrengo egunean Andorraraino joan ziren. Giro ederra zegoen eta bertako osatu batean afaldu zuten bapo. Lo ere Andorra La Viella-ko hotel batean egin zuten. Garestia zen baina arras ona, eta intsaustitarrek urte osoan zehar aurreztutako dirua gastatzeko gupidarik ez zutenez, bertan pasatu zuten gaua inolako erreparo ekonomikorik gabe. Eguna piztean, intsaustitarrek txukuntzeari ekin zioten. Egun hartan Bartzelonan egin nahi zuten lo. Dena abiatzeko prest zeukaten baina amona inondik agertu ez. –Non da amona Nikolasa? –galde egin zuen Garbiñe amak. –Ez dakigu ama. Gaur ez dugu ikusi. –erantzun zion Irati alabak. –Uste dut oraindino bere gelan dagoela. –Asier semeak. –Oraindik bere gelan eta altxatu gabe? –aitak, biziki kezkaturik– Ezin dut sinistu, ditxosozko erreumak ez dio uzten ondo lo egiten. Bestela bera izaten baita beti ohetik lehenengoa altxatzen. –Ba oraingoan ez aita! –alabak. –Ene! Amona jaiki gabe eta ni konturatu ez! –Garbiñek, ikaratzen hasita–. Ez zitzaion ba ezer gertatuko? –Zer gertatuko zaio ama? Atzoko afalostean eta kafearekin batera edan zuen ttottak kalte egingo zion eta orain ezin esnatuz izango da! –Asier semeak, barrezka–. Kar, kar, kar…! –Ixo, ixo mukizu hori! Hik ere, amonaren adinera iristean, ttotta edango duk, eta inork ez dik ezer esango. –aitak, asaldaturik. –Goazen Mañuel, goazen zure amaren gelara. Hau ez da bat ere normala! –Garbiñek senarrari. Senar-emazteak amonaren gelara sartu ziren eta ohean luze-luze etzanda amona ikusi zuten. Zurbil-zurbila zegoen. –Ama, ama, esna zaitez, berandu da-eta! –esan zion Mañuelek, eskuaz astintzen zuen bitartean–, baina amona ez zen mugitu ere egiten. –Ama esnatu behingoz! –segitzen zuen Mañuelek– Baina amonaren erantzunik ez. Garbiñek Nikolasaren eskua hartu zuen, eta hotz-hotza zegoela ikustean, amona hilik zegoela ulertu zuen. –Mañuel, zure ama hilda dago! –Hilik? Baina zer diozu emakume, atzo poz-pozik eta osasun handiaz zegoen! –Atzo bai, baina gaur ez. –Garbiñek, lehor– Bart ikaragarri afaldu du, eta bukatzeko ttotta eta guzti. Badakizu kanposantuak bapo afaldutakoez beterik daudela. Kontu zaharra da. –Halakorik! –Mañuelek, malkoei ezin eutsiz. –Eta orain zer egingo dugu? –Garbiñek, pentsakor. –Zer egingo dugu bada? Lurperatu! –Mañuelek, erdi haserre. –Erraz esaten duzu hori Mañuel, Andorran gaude eta ez Donostian. Ez daukagu inolako asegururik eta Donostiako Polloe hilerriraino eramateko ehorzketako auto berezi bat ordaindu beharko genuke. Pentsa ezazu! Eta nondik aterako ditugu sosak? Gure aurrezpen guztiak xahutzen ari gara bidaia honetan. –Arrazoi duzu Garbiñe. Zerbait pentsatu beharra daukagu. Hiruzpalau minutu isilik egin ondoren, Garbiñek solasaldiari berrekin zion. –Badakit zer egin. Lehenengoz, seme-alabei gertatutakoaren berri eman eta isilik egoteko agindu. Gero amona jantzi eta hotelekoen deskuidu batean hartu eta denon artean autora eraman. Gero, zuzen-zuzenean, Donostiara. Amona autoan gindoazela hil zaigula kontatuko dugu. –Ongi Garbiñe, baina gauza bat ahaztu zaizu. Andorran gaude eta muga zeharkatu beharko dugu. Zer esango dute mugako poliziek amona hilik daramagula ikustean? –Ixo Mañuel, egin dezagun nik esandakoa, eta muga pasatu aurretik pentsatuko dugu zer egin. Esan bezala egin zuten. Seme-alabak gertatutakoaz ohartu zituzten eta ongi kontsolatu ondoren, amona jantzi eta hoteleko harreran inortxo ere ez zegoen momentu batean hartu eta ate nagusiaren aurrean Mañuelek aparkaturik zeukan kotxean sartu zuten. Kostata, baina sartu egin zuten. Isiltasun handia zen autoan, eta tarteka seme-alaben negar edota hasperenen bat aditzen zen. Mugara iritsi aurretik basotxo batera sartu ziren. –Eta orain zer? –galdetu zuen Mañuelek. Eta Garbiñek odol hotzez erantzun: –Amona sabai gaineko parrillan daramagun kanpin-dendaren barruan sartuko dugu, eta horrela muga pasatuko dugu inor konturatu gabe. –Baina zer diozu? Kanpin-dendaren barruan? Baina zer uste duzu dela nire ama, panpina bat ala? –Mañuelek, oso minduta. –Eta orduan zer egin nahi duzu? Zure amaren gorpua aduanazainei deklaratu? Denak isildu ziren. Garbiñek arrazoia zuen. Gogorra zen, mingarria, baina egin beharra zeukaten. Handik ordu erdira autoa muga alderako bidetik barrena zihoan. Barruan senar-emazteak, seme-alabak eta zakurtxoa, goian, kanpin-dendaren barruan, ongi biribilduta, amona. Muga aurrean zeukaten, eta ezker-eskuin lauzpabost polizia. Mañuelek autoa mugatik hurbil zegoen kafetegiaren aparkalekuan sartu zuen. –Zer Mañuel, zer pasatzen da? –Garbiñek. –Ezer ez! Ez naiz inoiz kontrabandista izan eta ez dut balorerik izan zuzen-zuzenean muga pasatzeko. Har dezagun kafe bat eta gero gerokoa. Oso konforme ez zegoen arren, Garbiñe autotik jaitsi zen eta atzetik seme-alabak eta zakurra. –Asier, Irati, eraman ezazue Xibi bazter batera txiza egin dezan, eta bitartean, amak eta biok kafetxo bana edango dugu. Ordu erdi baten barruan, hemen berriro ere. Ados? –Mañuelek, seme-alabei. Horrela egin zuten. Ordu erdi baten bueltan, intsaustitarrak autoa utzita zeukaten tokira hurbildu ziren. Momentu zehatz hartan, beraien autoa muga aldera joaten ikusi zuten. Barruan hiru gizon ezezagun zihoazen. Lauak eta zakurra atzetik korrika ibili ziren arren, ezin izan zuten ezer egin lapurtutako autoa geldiarazteko. –Lapurrak, lapurrak! –garrasi egiten zuten, baina alferrik. Autoa laster urrundu zen intsaustitarrengandik eta kafetegi paretik ikusi ahal izan zuten lapurrek ostutako beraien autoa muga pasatzen inolako arazorik gabe. –Agur gure autoa! –bota zuen Garbiñek. –Eta amona? –galde egin zuen Iratik. Hori entzutean lauak isildu ziren, burumakur lurrera begiratuz. Mañuelek isiltasuna hautsi zuen eta andreari begira honela esan zion: - Eta orain zer egingo dugu Garbiñe? Zer egingo dugu? SOR MARGARITAREN BELAR INFUSIO MIRESGARRIA Arteagan bada betidanik klausurako komentu bat, eta bertan bizi diren mojen bizimodua lanaren eta lasaitasunaren artean garatzen da. Horrela izan da beti, eta horrela da gaur egun ere. Egun hogeita hamar moja bizi dira Arteagako komentuaren murruen arteko gizarte ttiki eta itxian. Gehien-gehienak zaharrak dira laurogei urtetik hagitz hurbil baitaude, eta dagoenekoz, beraien urterik onenak emanak dituzte Jaungoikoaren eta komentuaren zerbitzura. Baina beraien artean badira moja gazteak ere. Horietako bat Sor Margarita daukagu, hogeita hamaika urteko moja erronkariar sendo eta bizkorra. Emakume langilea, sasoikoa, kementsua… eta gainera belar-zale handi eta porrokatua. Bere ukenduak, kremak eta sendagaiak famatuak dira Arteagako mojen artean, famatuak eta aunitzetan erabiliak. Arteagako mojek anitz maite dute Sor Margarita, eta ez bakarrik mojek, herritarren artean ere, bere produktuak aski zabalduak eta estima handikoak baitira. Baina produktu guztien artean, ezagunena, preziatuena… azken hiru urteetan Sor Margaritak egiten duen infusio miresgarria da. Jainkoaren oparia deitzen diote komentuan, eta berari esker, bertako moja adindunen bizimodua onerako arrunt aldatu da azken urteetan. Goiz goizean, ohiko errezorako jaikitzen diren mojei Sor Margaritak lehen infusioa ematen die; bazkaldu ondoren bigarren bat edaten dute eta afalostean hirugarrena. Infusioa egiten duenez geroztik mojak indarberriturik sentitzen dira, ajeek eta gaitzek eragindako oinazeak desagerturik dauzkate neurri handi batean, eta odol berri batek, euforia handi batek bultzaturik bizi dira Jaunari eskerrak emanez. Komentuaren bizimodua arrunt aldatu da eta baita bertan bizi direnen umorea ere. Moja asko kantuan (sakroan, prefosta!) aritzen dira, eta iluntzero kartetan partidaren bat edo beste egiten dute. Musa dute maite. Infusio miresgarriaren ospea komentuaren murruetatik kanpo zabaltzen hasita dago. Esaten dutenez, Sor Gerardaren bizkarreko mina desagertua da, baita Sor Lorentzaren ahuldadea ere. Herrian badira horrelako minek jota dauden adinduak eta Sor Margaritaren infusioa eskatzen hasi omen zaizkie mojei. Hauek eskakizunen berri helarazi diote Sor Margaritari, baina honek dioenez infusiorako hostoak ematen dizkion landarea ez da oraindik horren handia, eta ezinezkoa egiten zaio produkzioa handitzea. Lehena lehena da, hau da, komentuko mojen osasuna bermatzea. Komentuan bizi diren hogeita hamar mojez gain bazen kaperau zahar bat, On Luix izenekoa, baina aski zaharra zenez, eta Sor Margaritaren infusioak bizitza luzatzea lortu ez zuenez, Jaungoikoak berekin berriki eraman zuena. Orain Arteagako mojatxoak atsekabeturik daude, eguneroko mezarik gabe gelditu baitira. Zorionez, badirudi gotzainak beraien eskaera entzun duela eta kaperau berria bidaltzeko hitza eman duela. Bitartean, komentuan kaperau berriaren zain daude. On Luixen heriotzatik hiru aste igaro dira, eta oraindino ez dute ordezkorik bidali. Mojak desesperaturik daude. Eskerrak Sor Margaritaren infusio miresgarriak momentu txar horiek ongi eramaten laguntzen diela! Bazirudien goiz hura aurrekoak bezalakoa izanen zela, baina ez, goizeko bederatziak aldera, ezezagun batek komentuko ate nagusian jo egin baizuen: Danba, danba, danba! –Nor da? –galde egin zuen barrutik Sor Joxepa moja atezainak. –Zabal ezazu atea, otoi. On Periko naiz, zuen kaperau berria. –Eneee! Gure kaperau berria! Itxoin ezazu momentu bat, atea zabaltzeko Ahizpa Nagusiaren baimena behar baitut. Handik zenbait minututara Sor Joxepa Ahizpa Nagusiarekin batera itzuli zen eta bien artean atetzarra zabaldu zuten. –Egunon Jainkoak eman diezazuela arrebak! Jaunaren bedeinkazioa zuekin izan dadin! On Sekundino Mariñelarena naiz, eta gotzainaren izendapena dakart. Hemendik aurrera zuen kaperako arduraduna izanen naiz. –esan zuen gotzainaren kredentziala Moja Nagusiaren eskuetan uzten zuen bitartean. Azken honek, arreta handiz irakurri zuen eskutitza, eta ongi begiztatu zituen beheko aldean zeuden gotzainaren sinadura eta zigilua. Benetakoak zirela egiaztatu ondoren, kaperau berriari erantzun zion: –Baita berorri ere, On Sekundino, bihotzez pozten gara berori ezagutzeaz. Aitzina, aitzina! Sartu barrura, berorren etxean dago-eta! Egun bereko eguerdian, bazkalostean On Sekundinok bere lehen meza egin zuen Arteagako komentuan. Mojak grinez beterik zeuden, eta debozio handiz eta poz handiagoz jarraitu zuten elizkizuna. Hasiera-hasieratik mende bat betetzeko hurbil zeuden moja haien poza eta alaitasuna bitxi samar iruditu zitzaizkion kaperau berriari. Bazekien kaperau baten beharrean eta espero luzean izan zirela, baina horrek ez zuen, inolaz ere, lekaime haien alaitasun bitxia esplikatzen. Gazteagoak ziruditen, askoz gazteagoak, eta bizitzeko grina handi batez jantzita gainera. On Sekundino, ez zen gaztea, berrogeita hamar urte bete berriak baitzituen, eta ordura arte ezagututako komentuetan, bertakoen bizimodua oso bestelakoa zen. Konforme bizi ziren, baina sakrifizioa zen beren aurpegietan irakur zitekeen ezaugarririk nabarmenena, Arteagako komentuetako mojengan berriz, bizi-poza zen nagusi. Afalostean mojekin batera afaldu zuen eta orduan ikusi zuen lehen aldiz Sor Margaritak zerbitzatzen zien infusio berdexka bitxia. On Sekundino teologian doktorea eta biologian lizentziatua zen, beraz, aski jantzia zen belarren kontuetan, eta infusio hura susmagarri samarra iruditu zitzaionez gero, berak ere dastatzea erabaki zuen. Pentsatu eta egin. Handik ordu erdi batera, mundua eta bizitza oso bestela ikusten zituen.Barne-poz handi batek gainezkatzen zuen. Hori zela eta, alegera oso, parte hartu zuen mojek gauero antolatzen zuten mus txapelketan. Urteak kartetan aritu gabe. Eneee!! ! Hurrengo goizean, esnatu zenean, gauean gertatutakoa etorri zitzaion burura. Ez zitzaion bat ere normala iruditu eta Sor Margaritaren infusioari egotzi zion bere portaera bitxiaren errua. Horregatik goizeko elizkizuna egin ondoren, Sor Margaritaren ondoan izan zen momentu bat probestu zuen berarekin hitz egiteko. –Sor Margarita, astirik baduzu, zurekin hitz egin nahiko nuke. –Bai On Sekundino, berorrek nahi duenean. –Sor Margarita, badakit hemen zuen artean berria naizela, baina etorriz geroztik oso harrituta nago moja guztien artean dagoen bizi-pozaz. Badakit alaitasuna Jaungoikoaren dohaina dela, baina hainbesteko poza susmagarria iruditzen zait. –Jaungoikoak egunero bedeinkatzen du komentu hau On Sekundino. –Jaungoikoak ala zuk egiten duzun infusioak? –Hori da, berorrek esan duena. Jaungoikoak egunero bedeinkatzen du komentu hau eskura jarri digun infusioaren bitartez. –Eta nondik ateratzen duzu infusio hori egiteko beharrezkoa den belarra? –Gure komentuko lurretatik On Sekundino, gure komentuko lurretatik! –Eta ikus al daiteke Jaungoikoak eman dizuen belar miresgarri hori? –Bai On Sekundino, horixe baietz. Etor bedi berori nire gibeletik eta infusioa egiteko erabiltzen dudan belarra erakutsiko diot. Sor Margarita komentutik atera zen eta beraien lurretan barrena sartu zen. On Sekundinok atzetik jarraitzen zion. Arteagago komentua handia da saindutasunaz eta baita lurrez ere. Baratzez inguraturik dago, eta oilategiak eta untxitegiak ez dira falta. Zerri korta ere badaukate, hortik atera kontua. Lurrak murru handi batez inguraturik badaude ere, ekialdeko aldean murrua eroria da aspaldi eta sosen aldetik urri samar dabiltzanez, murrua konpondu gabe utzi dute. Harantz abiatu ziren moja eta kaperaua. Murrua eroria dagoen tokitik hurbil badira zenbait etxe zahar. Horietako bat Arteagako gazte multzo alternatibo batek okupatu du, eta bertan bizi dira. On Sekundino izuturik zegoen etxe haren atarian eserita zeuden gazteen piura ikusita. Haien oilar gandorrak eta haien pirata janzkerak! –Sor Margarita, nor dira gazte horiek? –galde gin zion biziki kezkaturik. –Ez kezkatu On Sekundino, ez kezkatu. Etxe hori herriko gaztetxea da, eta gazte horiek hor bizi direnak. Ez dira arriskutsuak. Inoiz ez digute ezer egin. Lasai, On Sekundino, lasai! On Sekundinok ez zuen txintik ere esan. Listua irentsi zuen, eta isilik jarraitu zion mojari. Sor Margarita berehalaxe gelditu zen eroritako murrutik aski hurbil zegoen landare baten aurrean, eta hura seinalatuz honela esan zion kaperauari: –On Sekundino hor du berorrek gure infusioak egiteko baliatzen dugun landarea. Ikus beza! On Sekundino landarera hurbildu zen mesfidantza handiz, eta hosto bat hartu bezain pronto aurkitu zuen landare miresgarriaren misterioa. Hura marihuana zen, seguru aski gaztetxeko gazte inozente haiek landatutakoa. Huraxe zen Arteagako komentuko mojen bizi-poz bitxiaren arrazoia. Baina nola esan hori Sor Margarita eta beste mojei, beraien poza eta bizimodu lasaia zauritu gabe? Huraxe zen orain On Perikoren buruan jira-biraka zebilkion kezka berria. HILERRIKO HEROTSAK Iñigo eta Imanol kazetaritzako ikasleak genituen eta azken kurtsoa egiten ari ziren. Fakultateko irakasle batek elkarrizketa bat egitea agindu zien azken kurtsoko guztiei. Gaia hauxe zen: Gizarteak gustuko ez dituen lanak. Eta orduz geroztik hor ari ziren denak, magnetofoia, papera eta boligrafoa hartuta, bazterrak inarrosten, agindutako lana bete nahirik. Iñigo eta Imanol lagunak eta ikaskideak izateaz gain, biak irundarrak ziren. Horregatik, Eguberrietako oporrak baliatu nahi izan zituzten Irungo hilerriko ehorzleetako bati elkarrizketa sendo-luzea egiteko. Ehorzleak Julian izena zuen, berrogeita hamasei urte zituen, eta Iñigoren aitaren lagun mina zen. Hori zela eta, aski erraza egin zitzaien bilera bat hitzartzea fakultatean agindutako elkarrizketa gauzatzeko. Ostiraleko arratsaldeko lauetan zeukaten aipaturiko hitzordua, eta hara joan ziren bi lagunak Imanolen aitak utzitako autoan. Blaiako kanposantua hiriaren kanpo aldean dago, muino baten gainean, eta bertatik hiri osoa ederki ikus daiteke. Pena hildakoek ezin dutela paisaiaz gozatu! Imanolek hilerriko ate nagusitik hurbil dagoen aparkalekuan autoa utzi eta kanposantura barneratu ziren. Bertan zegoen Julian, euren zain. Azken honek berehalaxe ezagutu zituen berarengana zihoazen bi mutil gazteak. –Arratsalde on mutilak! –Bai, arratsalde on Julian! –erantzun zioten bi gazteek batera. –Zer nahi duzue nitaz? –galde egin zien Julianek, ahots ozenaz. –Dagoeneko aitak kontatuko zizun zer nahi dugun, ezta? –erantzun zion Iñigok. –Bai motel, atzoko txikiteoan ginela, zer edo zer aipatu zidan egin behar duzuen lan horretaz, baina egian esan behar badizuet, ez nion gehiegi ulertu. Beraz, zer nahi duzue? –Zure lanbideari buruzko zenbait datu. –ihardetsi zion Iñigok. –Beno ba, hasi nahi duzuenean, ni prest naukazue-eta! –Aizu Julian, zenbat urte daramazu lanbide honetan? –Iñigok, galdetegiari hasiera emanez. –Hago! Hogeita bi urterekin hasi ninduan eta orain berrogeita hamasei urte bete berriak zeuzkaat, beraz, hogeita hamalau urte zeramatzaat ofizio honetan. –Eta nola sartu zinen? –Hori galdera motel! Margarita andregaia haurdun utzi nian elizako bidea hartu aurretik, eta aurrera egiteko beste biderik ez nuela ikusita, Florentino zaharraren tokia hartzea erabaki nian. Hark berrogei urte bete zitian ofizioan, ehorzketa batean irristatu, zulora erori eta kolpeaz hil zuan arte. Gizajoa! –Bai, etxean entzuna daukat Florentinori gertatutakoa! –Imanolek. –Baita nik ere! Bere garaian oso sonatua izan zen Florentinori gertatutakoa! –Iñigok, eskuan magnetofoia piztuta zeukala. –Bai hala duk! Oso sonatua izan zuan eskualde osoan! –Julianek, bere hitzei indarra eman nahian-edo. –Eta zein dira zure betebeharrak? Kontatuko al zenizkiguke, mesedez! –Iñigok. –Bai motel, nola ez ba! Gure lana zera duk: hilerriko garbiketa, konponketak, zaintza, ehorzketak, gorpuzkinen erretzea… eta beste horrelakoak. Badakik, kanposantuan egin beharreko guztiak. –Julian, barka ezazu gure atrebentzia, baina egia al da ehorzle lanbidea eta alkohola aski loturik daudela? Eta zergatik? –Iñigok, bere galderaren sakontasunaz amini bat urduri. –Ez motel, horiek beste garaiko kontuak dituk! Egia duk gure ofiziokook edan edaten dugula, baina nork ez dik edaten gure Euskal Herri honetan? Ni txikiteoan egunero ibiltzen nauk lagunekin, eguerdian eta iluntzean, baina denen modura. Hire aita ere gurekin ibiltzen duk, eta berak baino gehiago ez diat nik edaten, ez! Alajainkoa! –Eta zure familiak ondo eramaten al du zure ofizioarena? –Iñigok, berriro ere. –Bai, bai! Etxean ez diagu inoiz nire ofizioko kontuez hitz egiten eta kitto! Seme-alabak dituk okerren eramaten dutenak, badakik, ikastolan lurperatzailearen umeak direla esaten baitiete, baina tira! Hori bakarrik den bitartean, ez zagok arazorik. –Eta orain beste gaira pasatuz, hildakoek ez al dizute beldurrik ematen? –Beldurra? Baina, zer diok mutil? Hildakoek ez ditek beldurrik ematen, niri biziek ematen zidatek beldurra. Biziak dituk gaiztoak, biziak! –Eta inoiz ez al duzue gauean ezer berezirik ikusi edo entzun? –Iñigok. –Ez! Ikusi ez diat inoiz ezer berezirik ikusi, baina… –aurpegian irribarre gaiztotxo bat loratuz–, baina entzun bai! Azken urte hauetan gauetan herots berriak entzuten ditiat. –Herots berriak? Segur al zaude? –Bai motel, ez bat bakarra, hiruzpalau batera baizik! –Julianek, buruaz ere hitzak baieztatuz. Iñigok eta Imanolek elkarri begiratu zioten guztiz harrituta. Gero Imanolek hartu zuen hitza. –Gaur gauean lana egin behar al duzu hilerrian? –Bai motel, gaur nire txanda duk. –Eta axolako al litzaizuke gu ere herots berri horiek entzutera etorriko bagina? –Imanolek. –Ez gazte, zatozte lasai, eta nahi duzuenean. –Orduan, gaur, gaueko hamabietarako etorriko gara. –Ederki! Ongi duk! –Gaua arte, orduan! –bi gazteek. –Bai, gaua arte! –Julianek. Gaueko hamabietan, puntu-puntuan han zeuden kanposantuko atean bi gazteak. Iñigok arratsaldeko magnetofoi berbera zeraman eskuan. Julian zain zeukaten. –Gabon mutilak, hilobietatik ateratzen diren herots horiek ez dira beste mundutik etorritakoak! –Julianek, harrituta oso. –Zer orduan? –bi gazteek, harridura handiz. Julianek ez zien erantzun. Eskuaren imintzio batez, atzetik segitzeko agindu zien bi gazteei, eta hauek denborarik galdu gabe obeditu eta jarraitu egin zioten. Julianek hilobi zurien arteko karriketatik barrena eraman zituen, eta kanposantuko sakonera iritsita, han hamaika eta hamaika hilobiren artean zeudelarik, gelditzeko eta isilik egoteko agindu zien: –Geldi, geldi hemen, eta ixo, laster hasiko baita kontzertua! Gure gazteek horrela egin zuten. Esandako tokian gelditu ziren eta Iñigok eskuan zeraman magnetofoia piztu zuen hilobietako herotsak grabatzeko pronto. Halako batean, aldameneko hilobi batetik soinu bat entzun zen. –Pipiripipi, pipiripipi, pipiripipi!! ! Sanba baten soinua zirudien. –Hara, horren jabea parrandero samarra izango zuan! –bota zuen Julianek. Julianek bere hitzak bukatu orduko, beste soinu bat atera zen hamabost bat metrotara zegoen hilobi batetik. –Turrun, turrun, turrun! Musika hawaiarra zirudien. Beherago zegoen beste hilobi batetik hirugarren herotsa atera zen: –Tatataratararara, rararararara! Eusko gudariak kantuaren soinua zen. –Eta hori abertzalea, segur! –Julianek, konbentzimendu handiz. Ordurako gure lagunak herots berrien iturria zein zen ulertzen hasita zeuden. Poltsikoko telefonoak, hildakoek beste mundura beraiekin batera zeramatzaten telefono mugikorrak. –Gaur egun dena presaka eta korrika egiten dugu! –esan zuen Julianek–. Bizi, presaka egiten dugu, eta baita hil ere. Beti presaka! Horregatik, askotan senideek hildakoak jantzita dauden bezala lurperatzen dituzte, poltsikoetan zer daukaten begiratu gabe. Jende askok ez daki gizon-emakume haiek hilda daudela eta tarteka dei egiten diete. Eta horra hor, gero prestatzen diguten kontzertua! Iñigok, etsiturik, magnetofoia itzali zuen. Momentu berean beste soinu berezia entzun zuten: –Kir-kir, kir-kir, kir-kir, kir-kir…! Berehalaxe, Iñigok magnetofoia piztu zuen berriro, garbi baitzen hura ez zela telefono baten herotsa. Eta Imanolek belarriak zorroztu zituen hilobietatik, antza, ilkitzen zen soinu berezi hura hobeto entzuteko. Julianek bi mutilen prestutasuna ikusita, barre ozen batez urratu zuen Blaiako kanposantuaren bakea. - Kar kar kar kar kar kar! Kar kar kar kar kar kar! Ez erotu mutilak, entzuten duzuen hori kirkirra da-eta FERNANDEZ, NON HAGO? Encarnita eta Raquel berrogeita hamar urte inguruko emakume madrildarrak dira, ezkongabeak eta Euskal Herria biziki maite dutenak: bertako jendea, paisaia berdea, paregabeko gastronomia… Gaztetan, unibertsitatean zebiltzala elkar ezagutu zuten eta orduz geroztik lagun ibili dira bizitzaren bidean. Fakultatean zeudela zenbait neska euskaldun ezagutu, tarteka beraien herrietara joan, bertako festetan ibili… eta ordutik Euskal Herriaz maitemindu ziren erremediorik gabe. Karrera bukatu zutenean, norberak bere bideari ekin zion, eta norberak bere modura irabazi zituen eguneroko babarrunak. Asteburuetan elkarrekin ateratzen ziren eta oporretan elkarrekin etortzen ziren Euskal Herrira. Profesional onak eta langile finak zirenez gero, laster dirua aurrezteari ekin ahal izan zioten. Eta handik bost bat urtetara, Euskal Herriko kostaldean, hor nonbait, bien artean etxetxo bat erosi behar zutela erabaki zuten. Pentsatu eta egin. Elena lagun gipuzkoarrari esker, Hondarribiko etxe polit baten berri eduki zuten eta bi aldiz pentsatu gabe, erosi egin zuten. Orduz geroztik, oporraldi eta jaizubi luze guztietan, autoa hartu eta Madriletik Hondarribirako bidea egin izan dute, inongo arazorik gabe. Emakume kementsuak izaki, ez diote inoiz bide luzeari beldurrik ukan, eta horrela bat ere pentsatu gabe, egin izan dute, behin eta berriro, bi herrien artean dagoen distantzia ikaragarri luzea. Dagoeneko hogei urte luze igaro dira joan-etorri horretan, eta oraindino ere, gurera pozik etortzen jarraitzen dute. Haatik, ez dute poz berberaz hartzen Madrilerako itzulbidea. Biek erretiroa hartzean, Hondarribira bizitzera etortzeko asmo irmoa daukate. Encarnitak animaliak izugarri maite ditu, eta Madrileko etxebizitzan, katu ar beltza dauka berekin bizitzen. Fernandez izena du, eta berekin eramaten du handik-honat eta hemendik-harat. Bidaietara eta kilometroetara ohituta dauka, eta autoaren atzeko eserlekuan ezartzen duen kaiola moduko ontzi batean garraiatzen du. Lehen eta orain Madril eta Hondarribiaren arteko bidea bera da, distantzia bera esan nahi dut, baina Encarnita eta Raquelen adina ez da garai batekoa. Etxe erosi zutenetik igaro diren hogei urteak ez dira alferrik pasatu, eta ohiko bidaia gero eta neketsuagoa egiten zaie. Hori dela eta, hiruzpalau aldiz gelditzen dira bidean, indar berriak hartzeko eta baita txiza egiteko ere. Ferndandezi ere, aski ongi etortzen zaizkio geldiketa horiek hankak luzatzeko eta bide bazterrean pixarraxta handia egiteko; berak ere bere beharrak baititu, noski! Eta adina gora joan zaien bezala, gauza bera gertatu da zirkulazioarekin. Autoak nonahi daude, milaka, errepideetan mugagabeko ilarak egiten dira eta istripuak edozein momentutan gerta daitezke. Hori dela eta, azken urteotan, aipaturiko arazo horiek guztiak ekidin nahian, bi lagunek bidea gauez egiteari ekin diote. Oraintxe horrelako batean ari dira, Madril alderako norabidean. Euskal Herria aspaldian utzi dute atzean eta dagoeneko Espainiako lurretan barrena doaz. Horrelako bideetan, eta ohiturari jarraiki, Raquel eta Encarnita bolantean txandatzen dira. Orain Raquel ari da gidatzen eta Encarni aldameneko eserlekuan erdi lotan dago. Atzeko eserlekuan, bere kaiolan sarturik, Fernandez zurrunka ari da. Ordu erdia beranduago katua esnatu da eta desesperazio handiz maukaz hasi zaie. –Mauuuuuuuu! Mauuuuuuuuuuuuuuu! Mauuuuuuuuuuuuuuu! –Ene! Zer du Fernandez gaixoak? –katuaren maukarekin esnatu berria den Encarnik. –Zer izango du bada, neska! Txiza egin nahi din. –Raquelek. –Nik ere, dagoeneko beharra zeukanat. –Encarnitak. –Lasai neska, lasai, txoko aproposa ikustean gelditu egingo naun. Abuztuko gaua zen, gau ederra, izarrez betea. Zeharkatzen ari ziren lurraldeak, lurralde zabalak ziren, biztanlerik gabeak… eta Raqueli errespetua ematen zion bazter mortu haietan, gauaren bakardade ilunean gelditzeak. Horregatik, Encarnita eta Fernandezen kexei jaramon handirik egin gabe, aurrera jarraitu zuen zenbait kilometrotan. –Mauuuuuuuuuuuuuuu! Mauuuuuuuuuuuuu! Mauuuuuuuuuuuuuuu! –Fernandezek, etengabeko kontzertuan. –Txokoren bat ikusten dunanean, geldi ezan autoa otoi, maskuria lehertzear daukat-eta! –Encarnik, behin eta berriro. Halako batean, urrutitasunean eta bide bazterrean argi bat nabaritu zuten. Hurbildu ahala, bideko jatetxe bat zela ikusi zuten. “El caminante cansado” izena zuen. Bi aldiz pentsatu gabe, Raquelek autoa jatetxearen aparkalekura sartu zuen. Han baziren beste bi edo hiru auto aparkaturik, eta bidaiariak kanpoan ari ziren paseatzen eta hankak luzatzen. Jatetxearen kanpo aldeko argiak piztuta bazeuden ere, ateak eta leihoak zeharo itxita zeuzkan. Ate nagusian “descanso semanal” (asteko atseden eguna) zioen txartela eskegita zeukaten. Jatetxearen gibel aldean baziren sastraka handiak eta zuzen-zuzenean harantz abiatu ziren Raquel, Encarni eta Fernandez, aparkalekuan deskantsatzen ari ziren beste bidaiariak ia agurtu gabe. Beharra beharra zen. Gero izango zuten aski denbora halako formalidadeetarako! Sasien artean norberak bere txokoa bilatu zuen, bragak jaitsi eta…….txizzzzzzz! Izugarrizko pixarrakadez bataiatu zuten bazter hura. Ferndandez, pixa zarrasta handia ere egin zuen arren, ez zen horregatik lasaitu. Ez, bestelako beharra ere bazuen. Bero-bero eginda zebilen, biboteak, isatsa eta......, dena tente. Emea xerkatzen zuen eta horrelako baten arrastoa usaindu bezain pronto, bi emakumeen begi-bistatik desagertu zen tximistaren abiaduraz. –Eta orain zer? –galde egin zuen Raquelek, izututa. –Zer egingo dugu bada, neska? Izarren azpiko paseo bat egin. Bere beharra ase ondoren, etorriko zaigu-eta. Gainera, gauaren freskotasunak on egingo zigun guri! –Encarnik, gauzen alde ona bilatu nahian edo. Eta horrela egin zuten, ordubeteko paseoa egin eta autora hurbildu ziren gero Fernandez bertan, beraien zain, egongo zelakoan. Baina, han ez zegoen Fernandez malapartatuaren inongo arrastorik. Beste ordu erdi bat eman zuten esperoan, beribilaren barruan, eta etortzen ez zenez, bila atera ziren berriro. –Fernandez, non hago? Hator lehenbailehen nazkagarri hori! –Encarnik, bere ahots marrantatuaz. –Gure errietaren beldur izango dun eta ez din atera nahiko. –Raquelek, arrunt amorratuta. –Fernandez, non ezkutatzen haiz? Irten hadi segituan! –Encarnik. Beste ibilgailuetako jendeak elkarri begiratu zioten erretolika haren zergatia ezin ulertuz. Azkenean, haietako bizpahiru lagun hurbilen zegoen Encarnitarengana hurbildu eta galde egin zioten: –Nor bilatzen ari zara, senarra? Encarnik eta Raquelek gertatutakoa kontatu zieten arren, gizon-emakume haiek ez zieten gehiegi sinistu. Hala eta guztiz ere, bilaketan lagundu zieten. –Fernandez, Fernandez, non hago? Atera hadi! Beste ordubete eman zuten elkarrekin katuaren bila, baina alferrik, Fernandez ez baitzen inondik azaltzen. Azkenean, beste autoetakoek bideari berrekin zioten bi emakumeak han, euren autoan, asper-asper eginda utzita. Hurrengo goizean, lehen argi izpiekin batera, mauka luze batek autoaren eserlekuetan lotan zeuden bi andre madrildarrak iratzarri zituen. –Mauuuuuuuuuuuuuuu! Mauuuuuuuuuuu! Mauuuuuuuuuuuuuuuuuu! Encarnitak eta Raquelek ez zuten deus ere esan. Atea zabaldu, Fernandez kaiolan sartu, Raquelek motorra piztu… eta berriro ere, bidera atera ziren. Ordurako errepidea ibilgailuz gainezka zegoen. Madrilerainoko bidea ilaran eta isilean egin zuten. Fernandez ez zen bide osoan gehiago kexatu. INTERNETEN AROAN Gorka Jaunarena lesakarrak hagitz maite zituen zezenak eta entzierroak. Gazte-gaztetatik ibilia zen herriko San Ferminetan, kalean goiti kalean beheiti, zezenen aurretik korrika. Hori bezalakorik ez zegoen munduan beretzat. Lagun koadrila osoa herriko besten zain egoten zen eta zezenak askatzean, beraiek izaten ziren lehen lerroan korrika ibiltzen zirenak. Arriskua maite zuten eta zezenen adar zorrotzek ez zituzten beldurtzen, alderantziz, bazirudien indarra eta adorea ematen zizkietela. Hagitz ezagunak ziren Lesakan eta haiek gabe ez zen entzierro egiterik. Baina, buru gazte haietan bazen bete gabeko ametsa: Iruñeko entzierroa korritzea. Adin nagusiaren jabe egiterakoan, euren ametsa betetzeko aukera ezin hobea iritsi zitzaien. Gurasoei Erronkariko mendi aldera zihoazela erran, eta harantz joan beharrean, Iruñera jo zuten. Bederatzi lagun zirenez gero, gida-baimena atera berria zeukaten horietako bik, euren gurasoen autoak harturik, eraman zituzten. Urtarrilaren lehena, otsailaren bia, martxoaren hirua, apirilaren laua, maiatzaren bortza, ekainaren seia, uztailaren zazpian Iruñera joanen gara, zahatoa eskuan, zahatoa eskuan. Iruñera joanen gara San Fermin ospatzera. San Fermin. Iruñean ibili ziren, egunak joan eta egunak jin, zezenen aurretik korrika. Eguna argitu orduko prest ziren korri egiteko. Ez zuten entzierro bat ere galdu. Eta azkenean harrapatu zituzten. Baina ez zezenek, Iruñeko udaltzainek baizik, non eta Gaztelu plazako musika-kioskoaren pareten aurka txiza egiten. Entzierroetan ibiltzeaz gain, maite zuten bertze kirol bati gogotik ekin baitzioten Iruñean, edateari, hain zuzen. Eta gorputzean neurri handitan sartzen zutena, pixarrakada galanten bidez atera beharra zeukaten. Gau hartan, berriz, udaltzainek in fraganti harrapatu zituzten, hau da, txilibituakanpoan zutela eta isun bana ezarri zieten. Buztana hanka tartean ongi sarturik eta poltsikoan zeramatzaten aurrizkiak Iruñeko ostatuetan ongitxo xahuturik, itzuli ziren Lesakara. Handik zenbait hilabetetara, Iruñeko isunen afera arras ahantzirik zutenean, Gorka Jaunarena etxean ari zen merendatzen, geroxeago lagunekin kalera irteteko prest. Halako batean, etxeko ordenagailuan saltseatzen ari zen bera baino lau urte gazteagoa zen Aitor anaiak honela erran zion: –Gorka, famatua haiz! –Bai horixe! Ez al hekien? Lesakan hagitz famatua nauk. –Lesakan eta mundu osoan. Asperturik nengoela Elebila-ren bilatzailean hire izena jarri diat, eta hemen azaldu haiz. Oraindik ez diat irakurri, baina gainetik begiratuta, San Ferminekin loturiko konturen bat dela iruditu zaidak. –Banekian nik egunen batean, zezenen aurretik korri egiteko dudan zaletasunak ospetsua eginen ninduela. Eta hik erraten duanagatik bazirudik egun hori iritsi dela. Momentu hartan, haien aita etxera sartu zen. –Arratsalde on! –Baita zuri ere aita! –erantzun zioten bi anaiek batera. –Aita! Famatua naiz. Interneten agertzen naiz. Aitorrek Elebila bilatzailean topatu du nire izena. –Gorkak, pozaren pozez. –Famatua hi? Ez duk izanen ekarri dituan notengatik. Zazpi kalabaza! Errekreoa, besterik ez duk gainditu. Hori marka hirea! –aitak, arrunt harriturik. – Ez aita, ez. Badirudi nire afizioagatik egin naizela famatua.Badakizu, San Ferminak, zezenak, entzierroak…. –-berriro Gorkak temati. – Erakuts iezadak Aitor, erakuts iezadak topatu duana. –aitak, arras mesfidati. Eta horrela, Aitorrek Elebila bilatzailean aurkitutakoa erakutsi zien Gorka eta aitari. Gorka bozkarioz betea zen, aita, berriz, zeharo nahasia. – Hemen dago aita, hemen. Irakur ezazu. –erran zion aitari, bilatzailean topatutakoa erakutsiz. Eta aitak, bi aldiz pentsatu gabe, ozenki irakurtzeari ekin zion belarriak tente eta erne zituzten bi semeek, berekin batera, interneten jartzen zuenaren berri eduki zezaten. 2007ko uztailaren 9an, goizaldeko hiruretan, Iruñeko udaltzainek Pello Amaroz Etxebarne, Asier Ofizialarena Oroz, Iñaki Oronoz Etxeberria, Mikel Juanena Ordoki, Iñigo Astiazaran Martinez, Xabier Perurena Elizgarai, Joseba Etxegarai Martiarena eta Gorka Jaunarena Mindegia gazteak harrapatu zituzten Gaztelu plazan, musika-kioskoaren kontra txiza egiten ari zirela. Hori dela eta, Iruñeko Udaltzaingoak zigortu ditu 150 euroko isun bana ordaintzera. Bi egun barru iritsi araziko zaie haien helbideetara, hilabetea bukatu aurretik ordain dezaten. Beranduago ordainduz gero, kasu horietarako legeak agintzen duen gehikina ordaindu beharko dute. Isiltasun handia egin zen. Nehork ez zuen txintik ere erran. Aitaren begirada zorrotzak sukaldeko labainek baino gehiago mozten zuten. Gorkak ez zuen inolako hitzik entzun behar izan aitaren haserrealdia gainezkatzeko pronto zegoela ulertzeko. Deus esan gabe, bere gelara sartu eta atea barrendik giltzatu zuen. Bat-batean, sumendiak gainezka egin zuen, eta garrasi bizian aitak honela erran zion bere gelan gotorturik zegoen seme pixontziari: –Babo alaena, pixontzi zerria. Gaurtik aitzina akitu dituk hiretzat entzierroak eta zezenak. Presta itzak hire aurrezkiak isuna ordaintzeko, nik ez baitut zentimorik ere emanen. Hobe duk hire gelan egotea denbora batez, bertzenaz zapatila dantzatuko diat ipurdian. Gorka aterbetzen zen gelaren barrutik inork ez zuen erantzun eta berriro isiltasuna nagusitu zen etxe hartan. STRIP-TEASE GAUA Gaueko bederatziak ziren eta ordurako mutil gazteak Urdanibia hoteleko sarreran biltzen hasita zeuden. Beñaten ezkongabe agur-afaria ospatu beharra zeukaten eta horretarako, isil-isilean prestaturiko ustekabea zeukaten. Hogeita bost mutil inguru ziren Irungo hotelera iritsitakoak eta gehien-gehienak Beñatekin koadrilan ibilitakoak. Handik hamar minututara iritsi zen Beñat bi lagunekin, berak gidatzen zuen automobil urdinean. Hoteleko barran muturra pixka bat berotu ondoren, jangelan beraientzat prestaturiko mahai luzean eseri ziren. Izkinetako batean Beñat ezarri zuten denen mahaiburu. Afaria goxo eta oparoa izan zen, ardo onez bataiatua. Mutilak kontent zeuden, ardo ugari edateak ematen duen poztasun bereziaz gainezka. Postreekin hasi ziren era guztietako txantxak eta pikardiak. –Ahal izango al du Beñatek behor horrekin? –mutiletako batek. –Ez zekiat, baina ezin badik guk lagunduko zioagu. Kar, kar, kar…! –beste mutil batek aurrekoari erantzunez. Geroxeago ohiko kantuak etorri ziren: Gure koadrilan, gure koadrilan, gure koadrilan mozkorra franko eta gainera soltero, eta gainera, eta gainera, eta gainera ezkontzerikan ez du inork espero, ez orain eta ez gero. Hau dek zorioneko ezkondu beharra, ezkondu baino lehenago biziko naiz mutil zaharra! Giroa gori-gorian zegoen. –E, Beñat, atera ezak pititoa! Ikus dezagun denok neurri estandarrera iristen zaian! –muturbero batek. –Bai, bai, atera ezak! Ikus dezagun! –beste guztiek garrasika. Beñat gorri-gorri eginda zegoen lotsaren lotsaz eta entzungorrarena egiten zuen. –Atera ezak, atera ezak, atera ezak!!! –mahai inguruko mutil guztiek garrasika. Beñat gero eta lotsatuago zegoen. Ez zekien nora begiratu. Neska zerbitzarien begiradak beregan sumatzen zituen eta horrek oraindik urduriago jartzen zuen. Aurpegia Colon pasealekuko semaforoak baino gorriagoa zeukan. Azkenean, barealdia etorri zen, mahaikideak lasaitu ziren antza, eta zerbitzatu berri zieten izozkia jateari ekin zioten. Eskerrak! Beñaten gorritasuna apaltzen hasi zen. Baina barealdiak ez zuen luzaz iraun. Xanpaina zerbitzatzean hasi ziren komediak, berriro ere. –Aup,a Beñat! Aupa pitogogor! eta horrelakoak gero eta maizago entzuten ziren. Baina gogorrena kafe eta kopen tenorean etorri zen. Mutiletako bat eserlekutik altxatu, eta Beñatengana hurbilduz, honela esan zion: –Beñat, oparien ordua etorri duk. Duda-mudatan ibili gaituk, ez genekian zer egin, bakoitzak bere oparia edo denon artekoa. Azkenean, denon artean egitea erabaki genian. Jakin bagenekian denetik daukaala, etxea ongi hornitua eta trastez betea, eta horregatik pentsatu genian onena izango zela hiretzat ahaztezina izango zen gaua prestatzea. Hona hemen bada, hire koadrilak hire ohorez prestatu duen strip-tease gaua. Has dadila! –eta eskuaz txalo egin ondoren, jangelako ate nagusia seinalatu zuen. Beñatek harantz begiratu zuen, galtzetan kaka eginda, baita beste guztiek ere algara handia sortuz. Atetik hiru neska lirain sartu ziren eta mutilek betetzen zuten mahai luzera hurbildu. Gona ttikia zeramaten eta goiko aldean bularretako ttikiagoa. Takoidun oinetakoek osatzen zuten hiru neska-puska haien janzkera guztia. Gorputza oso modu sentsualez mugituz mutilengana hurbildu ziren, zirri bat hemen, bestea hor… Hiruen artean buru zenak bularretakoa kendu zuen eta hurbilen zegoen mutilaren buruan ezarri. Honek gogo onez hartu zuen eta mahaikideei erakutsi. –Begira ezazue, gonaren azpian ez dute bragarik eramaten! –bota zuen mutiletako batek aldamenean zeukan neskaren gona altxatuz bere hitzen baieztagarri. Mutilek ez zioten panoramari begirik kentzen. Bularretakoa kenduta zuen neska, ordurako Ezpeletako piperrak baino gorriago zegoen Beñatengana hurbildu zen. Pot eman zion ezpainetan eta gero hanken gainean eseri zitzaion bere ipurdia mutilaren hanka-artekoaren gainean lizun dantzatuz, eta bere bular biluziez mutil lotsatuaren aurpegia laztanduz. Beñat lehertzear zegoen. Beste bi neskak ere, bularretakoa kendu eta mahaikidez mahaikide zebiltzan ariketa gimnastiko berberak egiten. Hura zen iskanbila! Hura kalapita! Musuek, besarkadek, dantza estu-estuek… ordubete inguru iraun zuten, eta neskak joan zirenerako, mutilak lehen baino askoz beroago zeuden. –Eta orain azken oparitxoa! –bota zuen ozenki zeremonia-buru zebilen mutilak. Kaxa handi bat ekarri zioten eta mahai gainean ipini. –Ireki ezak, ireki ezak, ireki ezak!!! –garrasi egiten zioten mutil guztiek batera. Pasa-pasa eginda zegoen Beñatek kartoizko kaxa zabaldu zuen eta maniki moduko panpina itsusi batekin egin zuen topo. Biluzik zegoen. –Txotxona duk eta ongi etorriko zaik kontsolamendurik ez duan gauetan. –azaldu zion irri artean mutil eledunak. Gero, kaxatik atera eta banan-banan ibilarazi zuten mahaian, txiste lizunak kontatuz eta keinu irrigarriak eginez. Beñaten besoetara iritsi zenean, denak garrasika hasi zitzaizkion: –Proba ezak, proba ezak, proba ezak!! ! Beñat goitatuak, bere lotsa gordez, altxatu eta honela erantzun zien: –Lasai geroxeago probatuko dut, baina intimitatean. Beñaten ateraldiak barreak sortarazi eta barealdi berria ekarri zuen. Hortik aurrera, gau-festak bere gailurra jo zuen. Kantuek, barreek, algarek, txiste eta keinu lizunek… gaua bete zuten. Txotxona zen pertsonaia nagusia, gauaren erregina, eta besoz beso zebilen. Ordu-biak aldean hoteleko jantokitik abiatu ziren. Moskura zihoazen kopa batzuk edatera. Gazteak buila handiz sartu ziren autoetan eta… –Honekin zer egingo dugu? –galdetu zuen Beñatek beso artean zeraman txotxona erakutsiz. –Bere lana egin dik, baina dagoeneko ez zaiguk deusetarako balio. –gehitu zuen Beñatekin autoan esertzeko pronto zen lagunetako batek. –Arrazoia duk! –beraiekin autoan sartzeko zen mutil kaskagorriak– Hemendik aurrera, traba besterik ez ziguk egingo. Azken honek Beñati txotxona besoetatik kendu eta aparkalekuaren bazterrean zegoen errekara jaurti zuen. –Agur txotxona! Bide on! –esan zion agur moduan. Gero, errekak txotxona eraman zuen. –––––––––––––– Astelehena zen eta Jaizubia auzoan kokaturiko Txingudi ikastolan klaseak goizeko zortzietatik hasita zeuden. Hamarrak ziren eta ordurako ikasle onenak aspertzen hasita zeuden. Han zebiltzan batzuk aho zabalka, besteak paperezko bolatxoak elkarri botatzen, eta neska pinpirin batzuk ezpainetako berriak probatzen. DBH-ko ikasleak ziren. Xabi irakaslea matematikako eragiketak azaltzen ari zen. Arbela bete-betea zeukan eta hala ere, bazuen jarraitzeko asmoa. Horretan ari zirela Igor ikasleak ozenki esan zuen, eraikinaren ondoan dagoen erreka kristalezko leiho handitik seinalatuz: –Begira ezazue, begira ezazue panpina bat dago uretan! Loaldian zeuden ikasleak esnatu eta leihoetara hurbildu ziren Igorrek esandakoa ikusteko asmotan. –Ixo Igor! Eta zuek denak eser zaitezte oraintxe bertan zuen tokietan! –agindu zien Xabi irakasleak biziki haserreturik. –Txotxona bat da! –esan zuen Gorkak algara handiaz. –Bai txotxona bat da! –errepikatu zuten ikaskideek irri eta barre artean. –Zer txotxona eta zer txotxona-ondo! Eser zaitezte oraintxe bertan, ez baduzue nahi oker arin bana jar diezazuedan! –irakasleak sutan. Ikasleak, irri eta barre artean, eseri ziren klasea bukatzeko falta zitzaien ordu erdia jasateko ezinbesteko konformidadeaz. Xabi irakasleak, disimulu handiz begiratu zuen erreka aldera eta han erdialdeko zenbait harriren artean trabaturik txotxona ikusi zuen. Itsusia zen oso. Pertsona baten tamainakoa eta guztiz biluzik zegoena. Emakume bati dagozkion atributuak zeuzkan begi-bistan eta handi samarrak gainera. Poltsikotik zapia atera eta kopetan irristan sumatzen zuen izerdi hotza xukatu zuen. Gero, ikusitakoaz deus aitatu gabe, eragiketen azalpenari lotu zitzaion serio-serio. Hamar eta erdietan atsedenaldiaren tenorea zen. Ikasleak korrika abiatu ziren idazkaritzara eta baloiak errekara erortzen zaizkienean ateratzeko erabiltzen dituzten salabardoak eskatu. Han ibili ziren plisti-plasta txotxona atera zuten arte. Bitartean, Xabi irakasleak errekak ekarritakoaren berri eman zion Mari Karmen zuzendariari. Gero biak errekara hurbildu, bazterrak miatu eta han ez zegoen deus. Inguruetan zebiltzan ikasleei galdetu eta inork ez zekien ezer. Mari Karmenek ez zekien zer pentsatu, eta Xabi irakasleak gutxiago oraindik. Hamaiketan berriro sartu ziren ikasgelara. Xabik eragiketekin jarraitzeko asmoa zeukan. Ikasleak zintzo-zintzo zeuden beren tokietan eserita. Susmagarria oso. Irakasleak izkina batean kokaturiko armairua zabaldu zuen bere liburuak hartzeko eta horretan ari zela ikasleek barruan gordeta zeukaten txotxona gainera erori zitzaion. Xabi irakasleak ez zuen horrelakorik inolaz espero eta txotxonaren zama ustekabean gainera erortzean, gibelera jausi zen garrasi handia jaurtiz: –Aaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaa!! ! Eta horrela lurrean luze etzanda gelditu zen txotxona gainean besarkaturik zuela. Ikasleak, euren irakaslea horrela ikusita, barrez lehertzeraino hasi ziren. Irakaslea amorruz betea altxatu zen eta ostikada batez aldendu zuen txotxona zenbait metrotara. –Orain ikusiko duzue madarikatuak! Zuzendaria ekarriko dut eta sekulako zigorra ezarriko dizuegu! Hori esanda, ikasgelatik atera zen zuzendariaren bulego aldera. Handik bost minututara itzuli zen Mari Karmen zuzendariarekin, baina ordurako ikasleek ikasgelatik aterea eta ongi ezkutatuta zeukaten. Irakasleak eta zuzendariak ikasgelako bazter guztiak arakatu zituzten arren, ez zuten ezer topatu. Ikasleei galdetu zieten, behin eta berriro, baina hauek zintzo aurpegia jarriz, horrelakorik ez zutela ikusi erantzun. Azkenean, zuzendariak irakaslea ikasgelatik irtenarazi eta ahopeka, barruan zeuden ikasleek entzun ez ziezaioten, honela esan zion: –Xabi, arrunt akiturik zaude. Sendagilearenera joan beharko zenuke. Bitartean, ikasgela barruko ikasleen ezpainetan irribarre maltzur bat loratzen zen. –––––––––– Leku eta momentu aunitz hauta daitezke istorioen bilgune gisa, Euskal Herriko edozein bazterretan, edozein lurraldetan, edozein arotan; Bizkaian, Nafarroa Garaian edota Zuberoan; Goierrin, Amikuzen edota Erriberan; Bilbon, Donostian edota Maulen; Oionen, Burlatan edota Eskiulan; atzo, gaur edota bihar. Nik liburu honetako hogeita bat istorioak biltzeko Hendaiako tren-geltokia aukeratu dut, bertatik egunero honanzko eta haranzko bideak urratzen direlako, bertatik egunero leku orotara bidaiatzen diren trenak abiatzen direlako, eta bertako itxaro-gune eta bagoietan egunero makina bat biziera gauzatzen delako. Oharrak [←1] Nafarroako armadako buruzagi gorena. [←2] Eskiula: Biarno barruko zuberotar kulturako herria. Euskaldunon finis terrae ekialdean. [←3] Entseina edo bandera daramana. [←4] Pastoraletako pertsonaia nagusia. [←5] Biloba zubereraz. [←6] Erleei zubereraz. [←7] Bukatu, amaitu, finitu… [←8] Hüilantü: Hurbildu. [←9] Bortüak: Euskal Pirinioak. [←10] Bedats: Udaberria. [←11] Jatorra [←12] Ola: Txabola, etxola. [←13] Bilera: Erromeria. [←14] Lohitu: Zikindu. [←15] Sugearen mihia. [←16] Pipatu: Zigarroa erre. [←17] Ziraldoka: Alde batera eta bestera. [←18] Koño kalea: Kale horretan barrena omen dabiltza, gora eta behera, Benidormera joaten diren euskaldunak. Beste euskaldun ezagun batekin topo egitean, honela esaten ome ndiote elkarri: Koño, hi ere hemen! Hortik datorkio kaleari duen izengoitia. [←19] Haitzurdin: Marmola.
ANUNTXI ARANA mito hurbilak Euskal mitologia jendeen bizitza booktegi.eus Liburua: Aspaldian sortu eta hazi izanagatik, gaur egunean ere hunkitzen gaitu mitoen ederrak, eta haien mintzaira ulertzen dugu, gu garabiltzaten munduaren eta bizitzaren kezka berdintsuak darabiltzatelako mitoek. Eta jendarteek bere burua miratzen baitute beren mitoetan, haietarik batzuk politika arlora sartu izan dira eta funtzio berriak betearazi zaizkie, erligioaren eta politikaren artean ohi diren zubiak baliaturik. Liburu honek mitoen eta pentsaeraren arteko harremanak aipatzen ditu hainbat gaitan zehar (ekaitza, heriotza, ura, auzoak, emazteak, apezak), hemengo kondairetan oinarriturik eta beste herrietakoekin alderaturik. Eta, beroan bero, ‘Mari’ delakoaz eta hizkuntzaren sexismoaz ez ohiko iritziak ematen ditu. Lehen edizioa 2000. urtean atera zen, eta mamian aldaketarik gabe dator oraingo hau. Egilea: Anuntxi Arana, Luiaondon (Aiara) sortua 1947an, Angelun (Lapurdi) bizi da. Euskal mitologiaz egin du doktorego tesia 1996an, euskaraz: Orozko haraneko kondaira mitikoak, UEUk argitaratua. Bestalde, Iparraldeko sinesmenak eta kondairak ikertu ditu, hala nola Bidarraiko harpeko saindua liburuan (1985) eta Cerquand-en Iparraldeko Legenda eta Ipuinak bi argitalpenetan (1985-1986, Txertoa; eta 2017, Gatuzain). Gatuzain argitaletxe berak Mito hurbilak publikatu du 2000 urtean, Mitoen bilakatzea 2004ean. Elkarrek, berriz, Euskal mitologiaz, jentilak eta kristauak (2008), geroago frantsesera itzulia, eta Hilak gure artean, 2015ean. Argizaiola saria jaso zuen Durangon 2014an. SARRERA I. MITOAK Maiz aipatuak, batzuetan kausa baten alde eta, aldi berean, kontra ekarriak, jende askoren mintzagai eta arretaren pizgarri izan arren, mitoen definizio orokor eta asegarririk inork ez du eman orain arte. Eskasia hori hemen erremediatzea pretentsio handiegia balitzateke ere, on da lerro nagusi batzuk gogoratzea, han-hemen ibiltzen diren iritziak azaltzea, eta horien artean neurea ere berdin. Gaian sartzeko hiztegi eta entziklopedietan dauzkagun definizioak: haien bidez oroitaraziko ditugu jadanik bagenezkienak baina usu ahanzten ditugunak, hasteko, hitz polisemikoa dela 'mito', beste asko legez: MITO. 1. Antzinako jainko eta heroien ekintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen den alegiazko kontakizuna, jatorri ezezaguna eta herri baten tradiziozko pentsamendu kolektiboaren osagai dena, naturako indarren edo jende izaeraren zenbait alderdiri buruzko ikuspegia eta sinesteak isladatzen dituena. 2. Kontzeptu abstrakturen bat azaltzeko erabiltzen den alegoria edo irudikapen sinbolikoa. Platonen haitzuloaren mitoa. 3. Errealitatean inongo oinarririk ez duen uste edo ideia. Erdi Aroko euskal demokrazia mito hutsa da. 4. Pertsonaia, pertsona, gertaera, teknika baten eta abarren inguruan sorturiko uste idealizatua. Kirolari baten mitoa. Informatikaren mitoa. (Elhuyar, Hiztegi Entziklopedikoa). Lehen definizioa da, bistan da, lan honetako gaientzat egokiena. Hargatik, 'mito' hitzaren esanahi desberdinek ez dute elkar baztertzen, elkar osatzen baizik, zentzu bat azpimarratzen denean besteak ez direlako ezabatuak. Hirugarren definizioa, “oinarririk ez duen ustea”, askotan erabilia izan da eta badu historia luzea: kapitulu hauetako hizpidea ez den arren, ohartzekoa da. Antzinako Grezian, mythos / logos bikotea dugu, oso operatiboa, elkarren eretzean zehazten baitira bien zentzuak: mitoa, beti, beste diskurtso baten iruntzia da, “egia” esaten duen logos-en iruntzia (Vernant 1996: 354). Mythos oso kontzeptu anitza zen, ez bakarrik jainko eta heroien legenda, baizik eta alegiak, kontu zaharrak, atsotitzak ere bai. Adibidez, legenda heroiko batean, mitikoa izango da poeta zehatz batek sinesgaitz edo asaldagarritzat jotzen duena; historialari baten kontakizunean, besteek eman fabulazio kontrolatu gabeak dira mitoak, idazleak berak zuzen egiaztatu dituen errealitateen kontrarioak; eta filosofoen lana izan daiteke diskurtso mitikoa. Vernant-en iruzkin hauetan nabaritzen da mythos izateko irizpideak aldakorrak direla. Besteen kondairak dira mitoak, norberak sinesten ez dituenak (Lloyd, 1993: 45, 77), inork ez baitu 'gezur mitikotzat' jotzen bere sineste propioa. Horregatik funts barikoak dira mitoei buruzko ideia peioratiboak, gezur huts besterik ez direla iriztea. Alabaina, denak ados direnean kontakizun batek dioena sekula gertatu ez dela, orduan ez da mitorik, ipuina baizik, mitoak sinetsia izan behar baitu mito izateko. Eta halere badirudi ipuinek mitoekin zerikusia dutela, mitoetatik datozela ipuin miresgarriak: gehiago sinetsiak ez izan arren, garai batean errituei lotuak eta erligioaren parte ziratekeen. Guretzat ezagunenak eta hedatuenak bakarrik aipatzeko, hortxe ditugu “Mari Errauskin”, “Hansel eta Gretel”, “Asto-Larrua”, “Bizar Urdina”... Haien iraupenak salatzen du oso esangarriak direla, jendeen kondizione eta psikologiaren adierazle. Antropologoek ez dute oraino lortu mitoen eta ipuinen arteko desberdintasunak zehazten; Dumézil-ek bere ezintasuna aitortzen zuen arlo horretan (Greimas, 1985: 21) eta Lévi-Strauss-ek dio inork ez duela biak bereizteko arazorik (1958: 232), begi bistan baita mundu osoan edozein irakurlek mitotzat hartzen duela mito bat (“l'évidence qu'un mythe est perçu comme mythe par tout lecteur dans le monde entier”). Nire ustez, hiru baldintza bederen bete behar ditu kondaira batek mitikoa izateko, zentzu hestuan: naturaz-gaineko gertakariei buruzkoa da, kolektiboki sinetsia edo sinetsi izana (baina ez baitezpada denek sinetsia) eta sakratuari dagokion sentimenduez begiratua - sentimendu bikoitzez, komunzki: atseden eta ikara, erakarpen eta arbuio, begirune eta iseka. Erligioaren alderdi garrantzitsuak dira mitoak: sineste eta errituak justifikatzen dituzte, transmisioa bermatzen. Askotan, gure artean, bakarrik kristianismoari ematen zaio erligio kategoria; gehiago dena, erligioa eta paganismoa antonimo gisa erabiltzen dira, bigarrena ateoa bailitzan. Izatekotz, paganismoa izan da kristianismoa baino erligiosoagoa. Baina horretan sartu gabe, hemen oraintsu arte bizirik iraun duen sineste, kondaira eta errituen sistema, kristianismoarekin sinkretismoan batzuetan eta, gisa guztiz, haren ondoan luzaz bizi dena, erligio bat dela ez da dudarik; haren osakinak dira Barandiaranez geroztik “euskal mitoak” deitzen direnak. Eta badakigu XX. mende erdiraino behintzat, zahar batzuek haurrei transmititzen zizkietela, doktrina bat erakusten den bezala. II. HURBILAK Erligio horretan gehiago sinesterik eta praktikarik ez denean, nola haren mitoak izan dakizkiguke hurbilak? Funtsean, jendeak jende garenetik adimena ez zaigulako sobera aldatu, pentsaera erabiltzeko mekanika ere ez. Antzinakoek zituzten kezka nagusiak eta gureak aski antzekoak izanik, eta gogoetatzen zituzten gaiak edo arazoen aurreko jarrerak araberakoak, orduko sinboloak adierazgarriak dira orain ere eta mito zaharren mintzagaiek oihartzuna izaten segitzen dute, behiala bete izan dituzten funtzioak bete beharrekoak baititugu mende honetan. Nahiz eta industria-aurreko jendarte batek sortuak eta haziak izan, mitoak gure hurbil dira, desberdinak badira ere eguneroko bizitzako elementu material batzuk edo haienganako jarrerak, hala nola uraren hornidurak pausatzen dituen zailtasunak edo ogiari ematen zaion garrantzia. Pentsatzeko tresnak dira bereziki mitoak, eta errealitateko edozein alor dute hizpidegai: jendartea (auzoen harremanak, sexuen banaketa, familia barneko harremanak, zapalkuntza...), ekonomia (lurraren emankortasuna, ogia, ura, manufaktura...), existentzia (eritasuna, amodioa, herioa), transzendentzia (beste mundua, hango bizitza eta bakea, deabruaren beldurra, berpizteko itxaropena...). Denei buruz adibideak asmatuko dituzte, formulazioak proposatuz, konparazioak egiten, aurkakoak alderatuz zein batuz. Kapitulu hauetan zehar askotan agertuko zaigu mitoek duten dimentsio orotarikoa: kezka izpiritualak eta materialak, indibidualak eta sozialak, mundu honetakoak eta beste mundukoak, denak azalduko dira, denetaz pentsatuko dira kondairen barnean, batzuetan modu ludikoaz, hitz edo ideia jokoen bidez. Kontu guzti horiek a-historikoak direlako, mitologia zaharraren iharduera oraingo antropologia da, eta bere azterketan ikutzen dituen gaiak eta ibilmoldeak guretzat adigarri dira, jende moldekoak direlako. Erraz eta labur bilduz, esan genezake mito bat dela eragiketa logikoen sistema bat, eragiketak metodo honek definiturik direla: “Zerean bezala da...” edo “Ez dakizu nola...?” Arazo zehatz baten aurrean, egiazko irtenbiderik ez den irtenbide batek kezka intelektuala jabaltzen du, baita hestura existentziala lasaitzen ere, baldin eta bitxikeria bat, kontraesan bat, edo asaldadura bat, errealitateko beste arloetan hobeto itxuratua den egitura baten agerkeraz azaltzen bada, arlo horiek ez dutelarik sentimendua edo pentsamendua hain bortizki inarrosten (Lévi-Strauss, 1985: 227). Mitoek izpiritua jabaltzeko duten manera hori Lévi-Straussek baino laburbilduago eta ulerterrazago azaltzeko, atsotitzei begiratzen ahal diegu. Esakunek adibide bat -ez irtenbide bat- aurkezten diote edozein egoera edo jokaera esangarriari, gauza batendako zein haren kontrarioarendako iradokitzen dute ez dela hain harritzekoa, funtsean. Haurrak gurasoen akats berdinak baldin baditu esango da: “Ahuntzaren umea beti antzume”; alderantziz baldin bada, berriz: “Ardi zurienetik jalgitzen dira axuri beltzenak”. Halaber: “Goiz jaikia ez da egun-sentia” bai, baina “Argia gabe hoa lanerat, iluna gabe etxerat”. Eta denak konforme. Horrelakoen ekarpena ez da egia fedezkoa eta betierekoa, baizik eta egoera kezkagarri batentzako beste aurretiko bat ematea, ez dela lehenengoz gertatu adieraztea eta, horiek hola, ez dela zertan asaldatu: banalizatzeko joera dute usu erran-zaharrek, mitoek ez bezala. Horiekin guztiekin, kalitate literarioa da kondaira mitikoen ezaugarri ezin ahantzia. Belaunaldiz belaunaldi aukeratuak izan eta, hondakinak bidean utzirik, hoberena, adierazgarriena eta zentzudunena atxiki dute batik bat, esatari bakoitzak berritasun zerbait gaineratzen badu ere. Mitoek ez ohi diote lekurik eman melengeriari, haien poesia azkarra izaten da beti. Erromantizismo merkerik ez amodioan, xamurkeriarik ez naturaren deskripzioan, kanpo gelditzen dira apainkeriak; aski da idazle batzuek egokitu bertsio “loreztatu”ekin konparatzea berehala atzemateko diferentzia. Edukinaren aldetik, sinboloek mezu barnak eta atxikikorrak eskaintzen dituzte, gertaera dramatikoak zein irringarriak, hil edo biziko gauzak harrapatuz. Egiturak, berriz, paralelismo, oposizio eta inbertsioko jokoak baliatzen ditu usu, buru eragiketa horietan laketzen. Biok bereiztezinak izanda, egiturak sinboloen esanahiak azpimarratzen ditu, erredundantzia edo kontrasteen bidez, edukinak estrukturako elementuen lehengai esanguratsua ematen duelarik. Horrela, beren laburrean, harri bitxiak izaten dira kondaira mitikoak, eta gustagarriak. III. SARBIDEAK Mitologia gaietara hurbiltzeko sarrera anitz bada. Klasikoena, begi-bistakoena, pertsonaiei begira eta haien sailkapenari jarraikitzea, hiztegiek erabiltzen duten bidea. Beste anitz eratan egin liteke: mitoek betetzen dituzten funtzioen arabera, edo gogoetatzen dituzten gaien eta ikutzen dituzten elementuen arabera. Bakoitzak mintzagai bat baino gehiago eta funtzio bat baino gehiago betetzen baititu, modu guztietan izango dira gurutzatzeak eta erredundantziak. Hemengo aukera arbitrarioa da, adierazgarri diren alderdi batzuk hautatu ditut ardatz gisa eta kategoria desberdineko sarbideak erabili. Ekaitzegileei, lamin-jentilei eta apezei buruzko kapituluak pertsonaia mitikoen araberakoak dira; lehen biak beste mundukoak, apezak, berriz, mundu honetakoak, baina ez hargatik gutiago mitikoak, naturaz-gaineko ahalak zituzten ber. Eta irizpideek ez baitira elkartezinak, pertsonaia batzuen estakuruz funtzio zehatzak aztertu dira, hala nola harreman sozialak lamina eta jentilekin batera; eta lamina berdinak azalduko dira uraren inguruko sinbologia aztertzeko. Herioaren gainean mitoek eskaintzen dizkiguten oharpen zuzenek edo zeharkakoek ematen dute kapitulu bateko gaia. Soilik etnografiko-deskriptiboa den kapitulu bat bada, “Bidarraiko Harpeko Saindia”. Beste batzuk emazteen egoerari eta irudiari zuzenduak dira, mitologiaren eta ideologiaren arteko eraginak azaldu nahiz, eta polemikoak gerta litezke, gure inguruan maiz entzuten diren iritziekin ados ez direnean. Euskal mitologian erabili ohi diren izendatzez eta sailkapenez ohar zenbait egiten dira “Mari, mairuak” izenburu duen kapituluan. Eta azkenengoan, beharbada galdua dugun kausa baten aldeko argudio etsituak, ez horregatik okerrak, baina bai jasangaitzak jende askorentzat: hizkera sexista eta hizkera neutroa, ahozko tradizioan gehien bat. Gai gurutzatuak, beraz. Eta kapitulu bakoitza bere doia da ontsalaz, mintzaldia izan baita, eta kondaira edo aipamen batzuk errepikatuak izango dira, hainbat ikuspegik ekarriak. Alferrik izan ez dadin, aldi bakoitzean bertsio desberdina emana da. Abantaila ateratzen ahal da hortik, mitoen egonkortasunak eta aldaerak, bertsio antzekoak baina ez berberak, osagarriak edo alderantzizko zentzua dutenak: nork zer eta noiz kontatu, alde batera edo bestera jotzen du istorioak, eta beti ere, nork bere arranguren edo esperientzien gisara eratuko du. Erredundantziek eta diferentziek mitologiaren aniztasuna erakusten dute, haren birtualitate mugagabeak. OHARRAK Zitazioak. Literalak izanik ere, euskarazko grafia berdinduaz eginak dira, irakurketa errazteko. Gehienak ez dira literalak, laburtuak edo moldatuak baizik. Beste hizkuntzatik datozen zitazioak neuk euskaratuak dira. Musika. Kapitulu gehienak Eusko Ikaskuntzak 1998 eta 1999an Baionako Gure Irratian antolatu zuen mintzaldi ziklo bateko aleak dira. Entzun izateko eginak ziren eta musikarekin batera gertuak, gai bakoitzeko hautatu zatia aditu ahal izan genuen bere unean, Maddi Etxeberri irratilariaren laguntzari esker. Finean, baliteke hitzak bezain adierazgarriak izatea doinuak, beti ere esanahiz beterik eta ideia emaile; ezin izan dut atal hori bazter utzi eta, bertsio idatzi hauetan ere, bilduma bana ageriko da hortaz, kapituluen bukaeran. I. kapitulua EKAITZEGILEAK: DIBINITATE MENDITARRAK1 Laborantza eta artzaintzatik bizi diren jendarteentzat hil ala biziko kontua da eguraldia, hark baldintzatzen baititu uztaren kantitatea eta kalitatea eta, ondorioz, narotasuna edo gosea, osasuna edo eritasuna. Ortziak mendian ardiak hiltzen ditu, etxaldeetan garitzak suntsitzen edo suteak sortzen, basoak eta eraikinak haize zakarrez hondatzen; euri eztiak, ostera, lurraren emankortasuna eragiten du. Harriaren txikizioak norainokoak izan zitezkeen ikus dezakegu kronika zaharretan: 1392an Nafarroako Karlos III-ak zergak barkatu zizkion Lapurdiko Bastida herriari, izurriteak eta abazuzak egin kalteengatik bere biztanleez husten ari baitzen. Ingurugiro horretan biziki garrantzitsuak dira meteorologia egiten duten dibinitateak, euria eta aro ederra gobernatzen baitituzte, uholdeak zein lehorteak. Euskal mitologian hainbat dira funtzio hori betetzen duten pertsonaiak, hemen aztertuko direnak: ANBOTOKO ANDEREA, SAIAK eta BELEAK, HODEIA (ORTZIA), HODEI-ZALDUNA, APEZ KONDENATUA, HERENSUGEA. Izenaz eta itxuraz desberdinak izanagatik, denak bat dira eta estruktura bakar batean ulertuko dira. Horixe erakustea da lerro hauen helburua, zehazkiago esanda, nola gauzatzen den haien batasuna eta zertan igartzen ahal dugun. I. ANBOTOKO ANDEREA Ortzigileetatik gaur egunean ospetsuena goiandere bat da. Goi mendietan kokatzen da, urrean, eta haietatik hartzen ohi du izena: Bizkaiko eta Gipuzkoako leku askotan Anbotoko Señorea deitzen diote; Beasain aldean Murumendiko Dama. Batzuetan Mari ere erraiten diote, eta horrela izendatu du Barandiaranek bere lanetan. Nik ez dut berdin egingo: askoz maizago 'andere' izena erabiltzen baita herri tradizioan eta ildo horretan segitzeko, 'Andere' deitura baliatuko dut. Orozkon kontatzen dute Anderea Gorbeia Supelegorreko haitzuloan egoten zela zazpi urtez eta gero Anbotoko haitzulora aldatzen zela. Orduan ikusten zuten zerua zeharkatzen, gauez, azaoa langoa eta garretan, batzuetan tximisten artean. Emakume batek ikusi zuen arratsean, ira biltzen ari zirela: dena ilundu zen eta beleak bezala agertu ziren zeruan Anderearen aurretik. Esaten dutenez, hura pasatzen denean eguraldi hezea egiten du (Arana, 1996: 256) eta, batzuen iritziz, Anboton denean – urrun - uzta ona biltzen dute Gorbeia aldean (Arana, 1996: 285), edo alderantziz, txarra, besteen batzuen arabera (Barandiaran: 1984: 134). Emakume biziki ederra zen, ile horia eta soineko luzeduna. Sai edo bele itxuraz ere agertzen da. Orozkoko berriemaile batek dioenez, Anderea ez zen egiazkoa, baizik eta sai bat: baten batzuek zuziak lotu zizkioten eta gero piztu, zeruan jendeek ikus zezaten. Beste batzuek uste dute aireplano bat edo izar bat izango zela. Oñatin, uraren premia zutela, Arantzazuko Ama jarri zuten Anbotokoaren lekuan. Gogoratu behar da Ama Birgina Rodrigo artzainari agertu zitzaiola elorri baten gainean, eta aterpe bat eskatu ziola. Preseski, garai haietan Anderea Aloñako bere harpean entzerratu zen eta ez zuen euririk egiten, sekulako lehortea jasaten zuten oñatiarrek. Aterpetxoa egin zioten, bai, Ama Birginari eta hark, uretik babesteko teilatua ukan bezain laster, aspalditik egin gura zuen euria egin zuen (Barandiaran, 1961: 31). II. SAIAK, BELEAK ETA MURUKO DAMA Behin, Supelegor ondoko txabolako artzainek mutiko bat bidali zuten haitzulora, atean kandela bedeinkatua piztera: kanpoan zeuden beleak (edo saiak) ezin ziren barrura sartu eta artzainei mokoka hasi zitzaizkien, txabola gaineko zohiak kentzen. Artzainek, izuturik, atzera bidali zuten mutikoa, kandela kentzen. Baina beleak berdin erasoka. Orduan konturatu ziren kandela negar bat jausi zela zorura, eta berriro ere bidali mutikoa, haizto batez ondo ken zezala kandela negar hura. Eta orduan bakea izan zuten. Bertsio batzuetan haizea eraso zitzaien kandela ezarleei. Horrelako kondairei buruz Barandiaranek dio (1960: 82) beleak Anderearen sorgin-zerbitzariak direla. Hots, Orozkon ongi azpimarratzen dute beleek sartu ezin zirelako eraso zutela; eta Zeberioko bertsioan (Etxebarria, 1991: 390) zehazten da kandela hori hodeiagatik ezarri zutela. Bere etxean preso atxiki nahi zutela artzainek, beraz, ekaitza egitera urten ez zezan. Asmo bera zuten Gipuzkoan Muruko Dama konjuratzen zutenek (Barandiaran, 1960: 22): Itsasondoko apeza zazpi urtetarik igoten zen haren egoitza bedeinkatzera, maiatzaren 3an, Gurutze egunean: barruan harrapatzen bazuen zazpi urte ekaitzik gabe, kanpoan bazen zazpi urtez abazuza inguru haietan... Hartsuagak azaldu du mekanismoa (1987: 73): konjurua zerrailu magikoa da eta ekaitzegileari urtetea bezala sartzea ere galarazten dio; horregatik kanpoan gelditzen bada, pausarik gabe ibiliko da bereak egiten. Muruko Dama bezala, Supelegorreko bele eta saiak ekaitzegilea bera dirateke. Anderea bat izatea eta saiak anitz, ez da arazoa: hegazti saldoa, haize ufada bezala, zenbatezina da, eta bat. Ulergarria da haitzetan habia duten txoriek itxuratzea airean eta harpeetan dabilen pertsonaia. Metafora berdinean oinarrituak dira amerindioen ortzi-hegaztiak (Thunderbirds): han ere hodeien artean dabil belea, tximista distiratsuen gainean hegaz (Catlin: 1992, 168). III. ABADEA ETA ZALDUNA Oraindik ez du aspaldi Euskal Herriko elizetan “hodeiaren (ortziaren) bedeinkazioa” egiten zuela apezak udako igandeetako meza ostean, maiatzaren 3tik irailaren 14 arte, hau da Gurutzetik Gurutzera, soroetan edo artaldeetan ekaitzak kalte egiten duen garaian. Apezak, estola jantzita, elizako atera urteten zuen, beti sakristauak edo beretterrak lagundurik, eta ur bedeinkatuaz eta hisopoaz hodeia bedeinkatzen zuen. Erritoa aurkitzen dugu bertsio anitz duen mito batean, Orozkotik Ezterenzubiraino kontatzen dena. Sara aldean, Atsular da ekaitza bedeinkatzen duen apeza, eta haren anaia izaten da ekaitzegilea. Biok Zugarramurdiko harpean deabruarekin ikasiak ziren eta, hartaz libratzearren, aztala (edo itzala) galdua zuen Atsularrek. Atsularrek anaia zeukan, hura bezala Zugarramurdiko harpean ikasia, baina haren aurkakoa (deabruzkoa). Egun batez, gizon dotore bat agertu zitzaion Atsularri, Sarako ogi-soroei so egin eta: - Hauek bai ogi ederrak, baina nik baditiat zaldi ederrak horien suntsitzeko! - Bai nihaurrek ere frenoak ederrak hire zaldien geldiarazteko! Egun hartan Atsularrek giltzariari eskatu zion Larrunen hodei bat ikusten bazuen berehala abisatzeko. Ikusi zuen bai. Bulentegiko zelaira joan zen Atsular, handik konjuratzen baitzituen ekaitzak, baina ezin zuen menperatu, ortzia gero eta azkarrago eta hurbilago. Azkenean, zangoa astindu eta zapata ihaurti zion. Oinetakoa galdu zen eta erauntsiak gibelera egin zuen, Sarako garitzetara harririk bota gabe (Barandiaran, 1973a: 444 eta 1984: 30; moldaturik) Elosuan Andereak ditu uztak txikitzen, deabruzko zaldunak bezalaxe (Barandiaran, 1972: 288). Uda egun batean paseoan zebilen apezak emakume eder bat topatu zuen Trukarri deitu lekuan orrazten ari zela; eskua eman zion musukatzera, baina emakumeak ez zuen onartu eta, “laster xehatuko zituela gari guztiak” esanda, sutan urrundu zen; Anbotoko Señorea zen, eta handik gutxira ekaitz itzela jo zuen. Beasainen, Muruko Damaren semeak dira apeza eta zalduna: Murugueneko semeak omen zion, inpernuko deabruarena bazan ere, neska ederra behar zuela. Behin Muruan artzai zebilela, neska eder bat ikusi omen zuen, eserita ileak orrazten. Berarekin hizketa hasi eta elkarrekin ezkontzeko lana hartu. Ezkondu omen ziren eta baita zazpi ume izan ere. Andra hori ez omen zen elizara joaten. Gizonak behin gurdian hartu omen zuen sokaz lotuta. Baina eliza-aurrera iritsi zirenean, andra hori su-ta-gar jarri eta sokak erreta airatu omen zan eta Muru aldera joan. Seme bat apez egin omen zan. Behin Senpere inguruan anaia bat agertu omen zitzaion eta esan: - Gari ederrak! Baina zaldi galantak bazitiat nik gari horiek jaulkiko lituzkeenak. - Bai neuk ere bridak, zaldi horiek menderatzeko -erantzun apezak. Gero apezak bere neskari esan omen zion: - Usabe gainean laino bat ikusten dezunean, deitu egidazu. Gero, laino bat Usabe gainean agertu omen zan apeza konjurua egiten hasi. Baino harri erauntsia hasi omen zuen. Orduan apezak zapatea baratzera bota omen zuen, “sartu dadila hor” esanez. Eta erauntsi guztia baratzean erori omen zan, eta baratza dana triskatu; baino herriko galsoroak osorik geratu omen ziren (Barandiaran, 1973a: 438). Anaiak dira zalduna eta haren aurkako apeza, eta biok deabruaren ikasleak, Saran; Anderearen semeak, Beasainen. Senitarte batean biltzen dira, beraz, ekaitzegilea eta haren etsai konjuratzailea. Esan nahi baita, Anderea bikoitza dela, bere baitan bi printzipio (bi seme) kontrakoak biltzen baititu; beste modu batez esanda, ekaitza eta konjuratzailea bat dira, anaiak direlako. Geroago ikusiko dugu nola konjuratzailea ere bikoitza den eta nola aldi berean konjuratua (ekaitza) izan daitekeen. Coincidentia oppositorum (aurkakoen batasuna) da haien egitura. IV. ERROGATIBAK, MENDIKO ELIZAK Gure mendi tontorretako ermiten ugaritasunak konjuratu beharrari erantzuten dio. Menditik etortzen baita ekaitza, han kokatzen dira ekaitzegileak eta hantxe konjuratzaileak, etsaia hurbiletik kontrolatzeko. Anitz ziren ermitauak XIX. mendean oraindio: uda mendian pasatzen zuten, inguruko herritarrek pagaturik soroak harritik babesteko, eta ekaitza zetorrenean kanpaia jo eta erritu katolikoak horretarako propio dituen otoitzak esateko. Baseliza askotan ikusten da frailearen gela, mendizaleen aterpe bilakaturik. Nafarroan Aralar, Gipuzkoan Arantzazu, Bizkaian Urkiola eta Urduña, Baxenabarren Salbatore, eliza ezagunenak aipatzeko: guztietan Anderea edo herensugea igartzen da, edo biak. Gehienetan uda hasieran egiten ziren erromeriek helburu zehatza zuten, ortzia eta abazuza galaraztea (Veyrin, 1955: 243; Marliave, 1995). Baxenabarreko herri batzuetan errogatibak egiten dira oraindio, Salbatore (Asentsio) aurreko hiru egunetan. Beste baseliza askotan Besta-Berriz (Corpus) edo Mendekoste astelehenean dute beila. Haietarik ezagunena Mendibe Salbatorekoa dateke, Iratin: hartan apezak airea benedikatzen du, galernatik eta beste gaitzetatik inguruak begiratzeko. Egun hartan saindu berezi bat gurtzen da, “Saindia”, eta eliza aurreko etxola txiki batera ateratzen dute haren irudia. (Eta orain?) V. EKAITZEGILEAK ETA APEZ KONJURATZAILEAK Sarako Atsular bezalako apezak dira konjuratzaile arketipikoak, eta haiengandik zerbait daukate mendian egoten diren fraileek ere. Ekaitzegilea hobeto menperatzeko jartzen dira haren ondoan, baina hurbiltasun geografikoak beste ahaidegorik ere salatzen du, biok bat edo bederen bizkiak direlako “aurkakoen batasun”eko egituraren barnean. Funtsean, ekaitza galarazten duenak sortu ere egin dezake, eta herritarrek ez zuten ahanzten: “Conjurar era pues la carga que más rigurosamente pesaba sobre el cura y se le criticaba si no lo hacía” dio Satrustegik (1980: 108). Frantzian ideia bera aurkitu du Sebillot-ek: konjurua egin arren harri-erauntsia bazen, apeza mehatxatzen zuten, ustez nahitara egina zuela, ez baitzuen bakarrik ekaitza desegiteko ahala baina ekartzekoa ere. Ikusi ere zituztela apezak hodeien artean hegaz eta, haiei tiro eginda, zauriturik erortzen: “En plusieurs pays, quand le ciel est noir on dit qu'il va tomber des curés; en Hainaut qu'il va tomber une averse de curés.” Batzuek zehazten zuten apez sorginak eta konjuratzaileak bat zirela eta brebiarioko formulei esker hodeietara igo eta abazuza botatzen zutela zigortu nahi zituzten jendeen soroetara. Armagnac eskualdean ba omen zen apez bat ospetsua, hogeita hamar urtez bere parrokia abazuzatik begiratu zuena: herritarrek ikusia zuten hodeiak herriaren gainean nola bereizten ziren eta auzo herriko mahastien gainean harria botatzen. Holakoetan zapata botatzen zuten apezek airera (Sébillot, 1968a: 100-110). Mende hasieran, Altzaiko Joanetegi apezak (Barandiaran, 1974a: 225), erauntsi gaiztoak konjuratzen zituen eta, jakin gabe, beste herri batera igortzen omen zituen; ekaitz-deabruari pagamendu zerbait eman behar baitzion, behin labana bota zion, eta airean joan zen. Egun batez, eskeko bat etxera jin zen eta, eman zioten ogia jateko, apezaren labana atera zuen; apezak galdetu zion ea uzta ona biltzen zuten herrian, eta eskekoak ezetz, aspaldi hartan harriak denak xehatzen zituela. Joanategik ezagutu zuen herri hartara igortzen zituela erauntsiak eta hantxe askatu zuela deabruak hartua zuen labana. Eta handik aitzina ez zituen gehiago bidali. Peña Santiagok nahitara eraginiko harri-jasaren adibidea ematen digu: En Jacoisti (...) oímos la historia en la que se cuenta que visitando el padre Esteban de Andoain la población de Lumbier, unas cuantas personas le arrojaron piedras. A esta actitud repuso el famoso capuchino diciendo: “Piedras me tiráis, piedras tendréis”. Y aquel mismo día se desencadenó una terrible tormenta de pedrisco sobre esta población navarra y sus tierras (Peña Santiago, 1989: 61). Konjuratzailea ez ohi da inozentea. Konjuruko formulak bildu ditu Satrustegik (1980: 106), Iruzozkiko erretoreak esanda bata: “Arrasa la Francia y a Italia también / A Aoiz y Iruzoki déjalos con bien”; edota Otxagabian erabilita bestea: “Fundica la Francia, Valcarlos también / Libérame Aezkoa y Muskilda también”. Baxenabarreko Ahatsan bazen 1990 arte serora bat, Mailuxa Indart; ereinotza erretzen eta kanpaia jotzen konjuratzen zuen, eta mihi gaiztoek zioten Mendibera bidaltzen zuela ortzia, hangoak ez zituelako maite - berak, aldiz, esaten zuen bere txokoa baizik ez zezakeela begira. Itxuraz, kaltea ezin da deuseztatu, bakarrik desbideratu. Orozkon, Axpuruko abadeak batzen ditu konjuratzailearen eta konjuratuaren eiteak. Familiariak dituen apez-sorgina da eta brebiario eskuetan ere ikusten dugu, bedeinkatzeko bezala: hain zuzen, liburua Supelegorren ahantzirik utzi zuen batean, saiek ezin ziren barrura sartu. Baina “Axpuruko abade kondenatua” ere bada, ehiztaria: erbi-txakurrei jarraitzearren meza utzi zuen eta kondenatua izan zen airean ibiltzera beti. Amezketan, Mateo txistu deitzen diote: “el paso de éste va seguido de una tempestad que dura por lo menos quince días” (Barandiaran, 1984: 174); Olaetan diote (Azkue, 1959: 368): “(Mari Urrakaren) lengusu Juaniko Txistu abadea da eta ehiztari handia”. VI. GOIANDERE ORTZIGILEAREN JATORRIA Kondaira asko badira Andere ortzigilea nondik datorren azaltzeko. Salbatoreko Saindiarena ikusiko dugu lehenik. Amikuze Bithiriñako Inhurri etxean bi mutil-neska sehi zeuden. Arrats batez, artoxuriketan ari zirelarik, ohartu ziren artoen hurbiltzeko behar zuten haitzurrotxa alorrean utzi zutela. Gau beltza zelakotz tresnaren xerka joateko lotsa ziren. Mutilak ispisu egin zuen: - Bost sos eman niezaioke haitzurrotxaren bila joaten denari. Eta betiko erran bat bada: “Gauarendako ez dela behar pariorik egin”. Baina neskak: - Bost sosengatik ni joanen nauk! Eta abiatu zen gauari buruz. Mutilak, damuturik, biraoa jaurti zuen: - Deabruak eraman baleza bere haitzurrotxarekin, bost sosekoa galdua dut! Ordu berean zerbaitek -izpiritu gaixtoak- hartu zuen neska eta airean eraman; Inhurri gainetik iragatean oihu egiten du: - Hor duzue zuen haitzurrotxa. Ni, ene diru goseagatik, ezin ikusizko esku batek eramaten nau. Jendeak, denak abiatu ziren neskatxari segi airean zihoala, eta Larzabaletik harat bertakoek segitu zuten Garaziko bortura buruz. Han, Salbatoreko kaperaren parean zela, oihu egin zuen neskak: - Jondone Salbatore, salba nazazu! Eta hantxe poliki-poliki pausatu zen; larzabaldarrek ikusi zuten. Eta hura pausatu tokian egin zuten kapera tipi bat eta iduri bat ezarri zuten, zurezko iduri bat, neska bere haitzurrotxa eskuetan duela. Urte oroz Salbatoreko beila egunean, Besta-Berri ondoko igandean, Bithiriñako beilariek ezkoa eta meza-saria ekartzen zituzten Saindu deitzen duten neskari eskaintzeko; hori egin ez zuten batean harri-erauntsiak xehatu omen zuen Bithiriñako uzta guztia. Bithiriñako neska bezala, Anbotoko edo Muruko Anderea ere airean joan ziren. Hona hemen Bizkaiko kondaira bat laburturik (ikus Barandiaran 1973a: 367-407): Orozkon diote Anbotoko Señorea lehen neskatila izan zela; beti orraztuten egoten omen zen eta amak behin, haserretuta, biraoa bota ei zion: - Anega bat indababa gorrik aletan daukan beste urtetan ibiliko al haiz airetan, su eta gar. Eta ordutik aurrera gelditu barik ibili behar duela diote zaharrek: Gorbeia mendiko haizpean zazpi urte eta Anbotokoan beste hainbeste egiten du, eta harpez aldatzen denean ikusten dute zeruan garretan, ihurtzuri ikaragarrien artean. Bertsio batzuetan amaren madarikazioa da: “Mila tximistek eramango al haute!”, edo “Deabruak eramango al hau!” Geroztik ikusi dute neska Aralartik Anbotora edo Aizkorrira joaten, tximista bezala, zarata handiz eta garra dariola. Beste kondaira tipo bat ere entzuten da, gorago aipatu Muruko Damarenaren antzekoa. Hona Orozkoko bertsioa. Anbotoko Anderea emazte ezkondua zen eta ez zen sekula elizara joaten. Behin senarrak eroan zuen: gurdi batean lotuta sartu eta elizarantz jo zuen; baina atera heldu eta barrura baino lehen, sutan jarri zen emazte hura, estekak erre eta airean abiatu zen Anboto aldera. Geroztik han egoten zen zazpi urte eta gero Gorbeiara joaten zen: zeruan pasatzen zen gauaz, garretan, soineko luzea gibeletik dingilizka zeramala eta ileak ere suaren kolorea eta mugimendua zituela. Istorio hau aski zaharra dela badakigu, jadanik XIV. mendean Pedro de Barcellos kondeak bere Livro dos Linhagens-en idatzi baitzuen, Bizkaiko jaunen naturaz-gaineko etorkia azaltzeko (Barandiaran, 1984: 132). Hona hemen bilduma: Diego Lopez de Haro jaunak ehizan zebilela emakume bat topo egin zuen haitz baten gainean eta ezkontzeko eskatu zion; emakumeak onartu zuen baldintza honekin: ez zuela Aitarena egingo haren aurrean. Emaztea biziki ederra zen salbu ahuntz zangoa zeukala. Semea, Iñigo Guerra (Ezkerra) izenekoa, eta alaba izan zituzten. Egun batez don Diego zinatu zen bazkaltzen ari zenean bere familiariekin; emazteak berehala leihotik jauzi egin zuen alabarekin, eta mendi aldera jo zuten biek. Ez zituzten gehiago ikusi. VII. MELUSINA SUGEA Garai berean, XIV. mendean, idatzi zuen Jean d'Arras-ek “Le Roman de Melusine” (Le Goff, 1977: 311): Elinas, Albaniako (Eskoziako) erregeak, emakume eder bat, Presina, aurkitu zuen oihanean eta ezkontzeko eskatu zion. Emakumeak baietza eman zion baldintza honekin: ez zuela emaztea ikusiko erditze orduan. Ezkondu eta hiru alaba izan zituzten. Baina senarrak bere promesa hautsi eta emazteari begiratu zion; ondorioz Avalon uhartera alde egin zuten ama-alabek. Neskek mendi baten pean hetsi zuten aita, haren saldukeria punitzeko, eta Presinak, haserreturik alabak zigortu zituen: zaharrena, Melusina, suge bilakatuko zen larunbat guztiz, baina gizon batekin ezkontzea lortzen bazuen, bere zigorretik libratuko zen hilkor bilakatuz; aitzitik, senarrak ikusten bazuen suge itxura zuenean, berriz bere kondenara itzuliko zen. Raimondin, Forez-eko kondearen semeak, ehizan zebilelarik, Melusina aurkitu zuen eta harekin maitemindu. Neskak ezkontzeko baldintza ezarri zion ez zuela inoiz larunbatean ikusten saiatuko; mutilak hitz eman eta ezkondu ziren. Harrezkero gora eta gora joan zen bikotearen fortuna eta hamar seme izan zituzten. Baina larunbat batez Raimondinek Melusina sorotsi zuen bainuan, baita suge itxuraz ikusi ere; handik laster, haserrealdi batean, suge faltsua (“fausse serpente”) deitu zuen. Berehala suge hegalduna bilakatu zen Melusina eta leihotik joan zen, ortots eta ihurtzuriak bezala egiten. Senarrak ez zuen gehiago ikusi, nahiz eta gauez etortzen zen bere bi seme txikienak artatzera; orduan haren oihuak entzuten ziren. Zaharragoa da “Henno Hortz-Handia”ren istorioa, Gautier Map-ek idatzia Ingalaterrako kortean 1181 eta 1193 urteen artean. Henno-ren emaztea ez zen elizazalea, mezaren hasierari, bukaerari eta komunioari ihes egiten zien. Amaginarrebak herensuge itxuraz ikusi zuen bainuan eta, apez baten laguntzaz, ur bedeinkatua bota zion. Emaztea, sabaia zulaturik, oihu haundi batez hegaldatu eta aienatu zen. Elizan geratzera bortxatu zuen senarrak “La Dame du Château de l'Epervier” ere (1210 aldean idatzia), eta emazte hura, sagarako hitzak entzunda, hegaldatu zen, elizako teilatua hautsita. Lopez de Haroren, Murumendiko edo Anbotoko Anderearen kondairak tradizio berekoak dira eta haien kondaira zaharrek oraingoak ulertzen laguntzen dute. Melusinaren legendan amaren eta alabaren bizitza berdinak dira, biak gaztetan kondenatuak eta kondena-egoerara itzuliak senarrak tabua hausten duenean. Nahiz istorioan Presina soilik kondenatzaile izan eta Melusina soilik kondenatua, pentsatzen ahal da ama eta alaba bat litezkeela, ama ere gaztetan zigortua izan zela eta gertakariak bukaera gabeko zikloan errepikatzen zirela. Melusinaren argira begiratuta, gure bi kondaira desberdinetan azaltzen diren neska madarikatua eta emazte bortizkatua ez dira baitezpada desberdinak, baizik bakar baten bizitzako bi une. Ama madarikatzailea Presinaren antzekoa da eta senar bortitza Raimondin edo Hennoren antzekoa. Iñigo Guerraren ama edo Muruko Dama ere aitzinetik zigortuak izan zitezkeen, menturaz amak madarikatu zituen, eta senarrak beren kondenara itzularazi baino ez du egin; haien amak ere aurretik zigortuak izan zitezkeen, Presina bezala. Euskal Herrian ez ditugu bi kondenak kontakizun bakar batean bilduta, baina horrelako zerbait sumatzen da Zeanuriko bertsio batean: Gaztetxo zala (Señorea), kobau bateko andra bategana eroaten eban bere amak. Aitak “hoa elizara” esan arren, amak elizarako egunetan beti kobaura eroaten eban. Bere nebea abade egin zan. Ez zala elizara joaten jakin ebanean, burdi baten sartu eta lotu eta elizpera eroan eban neba abadeak. Sakristeian estolatara zan artean, bere arreba gaiztoa su eta gar burdian bertan aidean joan zan. Ordura ezkero hor dabil Mari Urraka (Azkue, 1959: 367). Ama eta kobako Andrea elkarren hurbil dira, elkarren artean moldatu zuten neska; ama eta alaba ere alde berekoak; aitak eta nebak beste kondairetako senarraren funtzioa betetzen dute. Hots, ama eta alaba bat badira, eta kobako andrea eta ama ere bat badira, hiruak bat lirateke. Esan daiteke, beraz, Andereak Anderea eragiten duela, bere burua ekoizten duela. Barandiaranek “La cautiva de Mari” (1972: 426) deitu duen egituraren logika oso ongi ulertzen da horrela: Mari da Marik bahitu duena. Beti mundu honetako jendeen eta beste munduen arteko komunikazio etengabean, apez ekaitzegilearen kasuan bezala. VIII. HERENSUGEAK Melusinaren legendak beste modu batez ere argitzen du gure Anderearena: tximist-hotsean joan zen andre hura herensugea edo suge hegalaria zen. Eta Euskal Herrian ere baditugu herensugeak. Herensugea erligio askotan aurkitzen da (Le Goff, 1977). Ekialde Urrunean uranikoa da gehien bat, eguzkiari lotua. Ekialde Hurbilean, uraren indar emankor eta suntsikorraren irudia zen eta euri gozoak zein uholde ikaragarriak eragiten zituen. Greziako eta Erromako mitologietan, heroi ospetsuen etsaia zen herensugea, baina aldi berean jainko ernaltzailearen itxura ere: Apolo-sugea omen zen Augustoren aita; sugeak ziren Juno Lanuvium-aren piztia sakratuak, eta haien harpeetara joaten ziren neskak udaberrian opilak eskaintzen, uzta ona erdiesteko gero. Europako Erdi Aroko tradizioan urari lotua da herensugea, eta bikoitza da: lurpekoa eta airekoa, ona eta txarra. Eta Elizaren manikeismoa gaindituz, errogatibetako prozesioetan ateratzen zuten: Pariskoak aho zabala zuen eta hara botatzen zizkioten jendeek fruituak eta opilak, erromatarrek Junori bezalaxe, emaitza propiziatorioa gisa. Euskal Herrian ere atera izan dute herensugea Tolosan, 1668ko Corpus eguneko prozesioan (Etchehandy, 1989: 11). Euskal Herriko Herensuge ospetsuenak Altzaikoa, Larrungoa eta Aralarko lirateke. Lehena Cerquand-ek aipatu du (1986: 94-97). Zuberoako Altzai Azalegiko karbian bizi zen, Ahüzkiko iturritik ez urrun, eta inguruko kabalak irensten zituen, kalte handiak eginez. Altzai Athagiko zaldun beldurgabeak akabatu zuen behi larru bat bolboraz betea jatera emanez: munstroak irentsi zuen, sua hartu eta “lotsagarriko zaphartu bat” eginda, “airean hegaleki phartitzen, sü zirriztaz bazterrak oro bethatzen ditilarik; büztanaz egoizten dü bago oihan gazte bat oso-osoa lurrera, eta gidatzen da Baiunako itsasoalat hurez asetzera, nondik landa zapartatü izan baitzen”. Athagiko zalduna, ordea, handik gutxira hil zen, “herensugearen huxtüak (xixtuak) eta herotzak (harrabotsak) odola hur bilha arazirik”. Lapurdiko herensugea Larrun mendian egoten zen, urte bakoitzean buru bana hazten zitzaion: Eta zazpi buru formatzearekin altxatu omen zen egun batez goizalderat, sutan, zazpi buruetan argia zuela, eta itsaso barnean sartu omen zen. Batzuek erraten dute apez batek madarikazionea egin omen ziola eta handik kasatu omen zuela itsasgorrietara (Barandiaran, 1973b: 416). Goñiko zaldunaren istorioarekin batera da ezaguna Aralarko herensugea (Barandiaran, 1960: 31 eta 1961: 76). Jondone Mikelen elizaren gaineko leizean zuen egoitza eta egunero jaten zuen Huarteko jende bat. Goñiko Teodosiok aurre egin nahi izan zion baina, munstroa heldu zitzaionean, Jondone Mikeli hel egin zion, eta aingeruak zuen bere ezpataz sugea kalitu. Kalituz geroztik ere izan da Aralarko herensugearen berri. Satrustegik jakin duenez (1980: 116), gizon batek 1960an ikusi zuen gauez, suzko bola bat bezala ateratzen Balerdi mendiko Sugarzulotik. Bedaioko behizain batek 1992an kontatu dio Garmendia Larrañagari (1994: 83) nola ikusi zuen Balerdiko Sugarra bere gordelekutik irteten eta, haren buru gainean pasa ondoren, Lizartzako leizeta aldera ezkutatzen: sugarrak suzko barra bat utzi omen zuen atera zen lekutik aienatu zen lekura arte. IX. ANDEREA ETA HERENSUGEA Aralarko herensugeak eta Andereak egoitza eta ibilbide berdinak dituzte. Satrustegik dioenez (1980: 116), Burundan Luzifer deitzen diote Mariri, uzta baldintzatzen duten udako euri eta ekaitzekin lotua den genioari; negua Urbasan pasa eta, udaberrian Aralarrera aldatzen da, eta udako gau sargorietan ikusten dute sutan, zerua zeharkatzen. Berdin herensugea: El dragón vasco mora en cuevas subterráneas. En ciertas tradiciones marginales figura el traslado meteórico desde su morada de invierno (ctónica) a la estancia veraniega sobre las cimas más altas (Aralar) (Satrustegi, 1980: 121). Ataunen diotenez, Agamundan eta Balerdi mendiko haizpeetan bizi da herensugea, eta zerua zeharkatzen du suzko igitai itxuraz; haren pasatzea ekaitzaren seinalea da. Amezketan Txindokiko Dama ikusi zuten bere zulotik urten eta Aralarko San Migel aldera ezkutatzen (Barandiaran, 1973a: 378 eta 409). Azkoitian (Barandiaran, 1984: 189), Maju izena ematen diote herensugeari eta Mariren senartzat daukate: harekin batzen denean ekaitz ikaragarriak sortzen dira. Anboto inguruan ez da herensugearen berri, baina Urkiolako San Antonek Jondone Mikel sauroktonoaren tankera du, makila altxaturik, ezpata bailitzan, oinpean duen herensugea kalitzeko prest. Hots, San Anton baketsuak inon ez ohi du horrelako itxura, eta inork ez omen du ulertu zergatik Urkiolan hain erasotzaile azaltzen den (Legarza 1986: 60). Baina igar daiteke santuak, laborantza zaintzeko, ekaitzari aurre egin behar diola. Urkiolako santutegia ekaitzari lotua da esplizituki, bertan dagoen “tximistarri”ak errituetan duen garrantziak erakusten duenez. Eta nor izan liteke inguru haietako tximistegilea, Anbotoko Anderea ez bada? Anderea dateke Anton heroi-santuak menperatu behar duen herensugea. Mendibe Salbatoreko elizan ere, Saindiaren aurre-aurrean Jondone Mikelen irudia egoten zen, lapurtua izan arte: neska elizakotuak herensuge ortzigilearengandik zerbait atxiki izan balu ere, goiaingerua beti erne... Orozkoar batek esandakoaren arabera, elkarren hurbil dira Anderea eta herensugea: Urduñako Antiguako Ama Birginaren inguruan zuen Andereak bere egoitza, eta handik Anbotorantza joaten zenean ikusten zuten zeruan (Arana 1996: 277). Eta Antiguan herensugea bizi zela entzun dio Barandiaranek urduñar bati, baita Delmas-en 1864ko Guía-n irakurri: Cercano a la ermita (de la Antigua), (...) un monstruo causaba espantosos estragos en los habitantes de la comarca. Era una serpiente enorme (...) que al incauto o atrevido caminante que atravesaba la senda, muchas veces saltaba desde la áspera maleza, devorándolos sin piedad. (...) Pero Dios o quizá su piadosa Madre (...) quiso un día poner fin a tantos horrores. (Haur bat egurretara joan zen igitaia edo haizkora eskuetan. Sugea agertu zitzaion) despidiendo dardos por la boca y vomitando fuego por las narices. El tierno niño sobrecogido de espanto, dirigió la vista a la ermita de la Antigua y recogiendo todo su infantil valor y pronunciando fervoroso las palabras “Virgen de la Antigua, salvadme”, asestó maquinalmente tan tremendo golpe sobre el espantoso reptil que le cortó la cabeza. (Jendeak etorri eta haurra ikusi zuten laino baten gainean, esku batean arma eta bestean sugearen burua, gorputzetik odol ibaia sortzen zela. Ospe handian eraman zuten Antiguako elizara, bizkar hezurra atera zioten eta Birginaren kamerinoan ezarri zuten; mendeetan egon da han, orain guti arte) (Barandiaran, 1973b: 432-434). Artikulu bereko beste bertsio batean, aingerua izan zen Urduñako sugearen kalitzailea, Aralarren bezala. Sai itxuradun anderea eta (heren)sugea gauza beraren alderdiak dira. Nola batzen ahal diren airekoa eta lurpekoa irudi ilustre batzuek adierazten digute, hala nola Mexikoko armarria bilakatu den azteken enblemak, hatzaparretan sugea daukan arranoak. Aro garaikidean sinboloa ez dela batere fosilizatua erakusten digu Shelley-k, ekaitzaren erdian ikusten dituenean arranoa eta sugea borrokan uztartuak (“... a monstrous sight! / An Eagle and a Serpent wreathed in fight”) The Revolt of Islam bere poeman; halaber Alastor-en, beti itsas-ekaitza irudikatzeko: The waves arose. Higher and higher still Their fierce necks writhed beneath the tempest's scourge Like serpents struggling in a vulture's grasp. Anderea eta herensugeak ez dira bakarrik antzekoak beren funtzio, itxura eta ohiturengatik, batasun bat osatzen dute. X. ANDROGINIA Anderearen eta herensugearen sexu desberdinak ez du haien batasuna oztopatzen. Anderea femininoa da, bistan da, eta Euskal Herriko herensugea ez da markatua gehienetan, edo bestela maskulinoa izaten da; horrela da XV. mendeko legenda melusiniar batean. Hartan esaten denez, Bizkaiko jaunek Lopez de Haroren emaztearen moduko arbaso miresgarria zuten, baina maskulinoa: García de Salazar cuenta en dicha obra (Crónica de siete casas de Vizcaya y Castilla, 1459) que una hija del rey de Escocia llegó a Mundaca (...) que durmió con ella en sueños un diablo que llaman en Bizcaya Culebro, Señor de la casa y que (...) la infanta fue preñada y parió un hijo, que fue ome mucho hermoso y de buen cuerpo y llamáronle Zuria (Barandiaran, 1984: 131). Baltzolako herensugea ere maskulinoa da. Melusina, aldiz, herensuge femininoa, eta Anbotoko Anderea herensugearen aldaera. Nola trenkatu? Barandiaranek arazoari irtenbide bat iradoki dio, baina ez du bururaino eroan: herensugea Anderearen senarra litzateke. Hots, paredroen bikotea edo hierogamia androginia irudikapenak dira. Ekaitzegilearen bikoiztasuna maila anitzetan agertu da: lurpekoa eta airekoa, ongilea eta kaltegilea, ama eta alaba, konjuratua eta konjuratzailea... Berezkoa da feminino eta maskulino izatea, aurkarien batasuna sexuan ere gauzatzea: herensugearen sexu maskulinoak ez du Anderearekiko berdintasuna galarazten. Melusina, bere aldetik, androginoa da (Markale, 1983: 15): Rabelais-ek, bere Quart Livre-ko 38. kapituluan dio “que Melusine, leur première fondatrice (de Lusignan), avoit corps foeminin jusques aux boursavitz (testicules), et que le reste en bas estoit andouille serpentine, ou bien serpent andouillique.” Mitologia dibinitate androginoz betea da. Ekaitzegileen eremuan, adibidez, Jupiter eta Juno edo Janus eta Diana bikoteak bikoizte hutsak dira Frazer-en ustez (1981: 474), bikote bakoitzaren terminoak identikoak baitira, bai funtzioaz, bai jatorriz eta bai etimologiaz: lau izenetan bada 'di' erro arioa. Dibinitatearen androginiak zentzua badu, Eliade-ren iritziz: Tous les attributs coexistant dans la divinité, on doit s'y attendre à y voir coïncider pareillement, sous une forme plus ou moins manifeste, les deux sexes. L'androgynie divine n'est pas autre chose qu'une formule archaïque de la bi-unité divine. (...) L'intention vraie de la formule est d'exprimer -en termes biologiques- la coexistence des contraires, des principes cosmologiques (mâle et femelle, bon, méchant), au sein de la divinité. (...) La bisexualité divine est un phénomène extrêmement répandu dans les religions et, - trait qui vaut la peine d'être souligné - sont androgynes jusqu'aux divinités masculines ou féminines par excellence. (Eliade, 1975 : 352). XI. ERREFLEXIBITATEA ETA AURKAKOEN BATASUNA Konjuratua eta konjuratzailea bat diren bezala, herensugeak eta haren kalitzaileak rol trukagarriak dituzte, berdinak izateraino. Cadmus, Tebaiko herensugearen garailea, herensuge bilakatu zen bere bizitzaren azkenean (Ovidio, Met. : 89 eta 127, Frazer, 1983a: 71). Eta ez da salbuespen bat: Apolok Python sugea hil zuela gauza jakina da, baina alderantzizkoa ere bada: Selon une tradition, Apollon lui-même était enterré à Delphes ; Pythagore, dit-on, grave sur sa tombe une inscription qui relatait comment le dieu avait été tué par le python et enterré sous le trépied (Frazer, 1983a : 24). “Mariren gatibu” tipoko kondairetan Andereak bere burua ekoizten duela ikusi dugu; eta herensugearen bitartez sumatzen dugu ekaitzegileak bere burua deuseztatzen duela, konjuratuaren eta konjuratzailearen berdintasuna erreflexibitatea dela. Herensugea sua izanik, suak akabatzen du (Altzain) eta sutan joaten da bere azken egoitzara, itsasora (Lapurdin). Frazer-ek aipaturiko Cadmus-en kasua Errusiako herensugeari alderatzen dio Propp-ek, konklusio hau ateratzeko: Est-ce que ce n'est pas son double que craint, lui aussi, le dragon du conte ? Pour répondre à cette question nous examinerons les cas où le dragon est mis à mort par le dragon (Propp, 1983 : 364). On peut trouver le cas d'un conte où le dragon ne peut périr que de ses propres coups. (...) “ (Le dragon) était si terrible que lui seul pouvait se donner la mort, aucune autre force que lui-même ne pouvait venir à bout de lui”. (...) Le dragon, donc, se suicide : “Il enfonça ses griffes dans sa poitrine avec une telle force qu'il se déchira en deux, tomba sur la terre avec un hurlement et périt”. (...) Le dragon est un ennemi tel qu'il ne peut y avoir en autre, assumant le rôle héroïque de vainqueur du dragon, comme cela existe encore en Égypte (Propp, 1983 : 367-368). Suizidioa aski gai errekurrentea da mitologian eta herensugearena ez da salbuespen bat. Baina erreflexibitatearen adierazpena dela interesatzen zaigu hemen, oposatuen batasunaren alde bat. Ondorioa hau da: gure mitologiako ekaitzegileak eta konjuratzaileak egitura bakar batean bil daitezkeela, haien itxura eta izena desberdinak izanagatik. Herensugea, Andere madarikatua, haren ama madarikatzailea, haren senarra Sugar, bi seme kontrajarriak (Atsular edo Atarrabio eta Mikelats tipokoak) edo ekaitz-zalduna eta abadea, ezin ditugu elkarrengandik bereiztu, batasun gisa ulertzekoak dira. XII. EKAITZEGILEEN ERRITUAK Hodeiaren bedeinkazioa bizirik mantendu da oraintsu arte, baina ez dugu hartan aurkitzen Anderearen edo herensugearen aipamenik. Aldiz Donibaneko suekin duten lotura aski argia da. Orozkon suzko azauondoa lango ikusten zuten Anderea zerua zeharkatzen; eta batzuen ustez zuziak lotuta zeramatzan sai bat izan zitekeen. Orozkon berean, eta ez han bakarrik, Donibane bezperako gauean, soroetara joaten ziren jendeak gurutzeak jartzera, eskuan lastozko pollak (galburu gabeko azaoak) pizturik zeramatzatela, zuziak legez: firrindaka eta txirrinkak eginez erabiltzen zituzten ilinti horiek, txinpartak ateratzeko moduan. Egin dutenok oroit dira zein eder eta hunkigarria zen su horiek ikustea udako gauaren ilunpean dir-dir ibiltzen. Erritoak mitoa antzezten zuen nonbait - edo alderantziz: Andereak zeruan duen itxurakoak dira lurreko su ibiltariak (pollak eta azaoak berdinak baitira): beheko suak, beraz, goikoari egokitzen zaizkio – edo alderantziz. Donibaneko suen helburu aitortua uzta ona lortzea zen: “Sugeak erre, artoa eta garia kaxan gorde” kantatzen zuten kopletan, eta oraingo berriemaileek baieztatzen dute erritua egin eta: “etzera pozik, a ver kosetxa ona egiten bada!”; edo: “aquello indicaba que vas a hacer una buena cosecha, y pedrisco y el otro y tal y cual”. Ekaitzik aipatzen ez denean ere, badirudi sua izan dela su itxura duen dibinitate bati eragiteko bidea. Hala zen Lapurdiko herensugearen kasuan. Urruñan kontatu didate bertako zahar batek zeruan herensugea ikusten zuelarik, haren beldurrez, su bat pizten zuela. Bavierako Würzbourg hirian zuziak eta su-gurpilak ziren protagonistak Donibaneko jokoetan: Au XVIe siècle, on lançait des disques de bois enflammés depuis la montagne qui domine la ville. (...) Dans l'obscurité ces disques volants prenaient l'aspect de dragons en feu (Frazer, 1984 : 96). Zein ote zen Urruñeko edo Bavierako suen xedea, herensugea homeopatiaz uxatzea ala mimetismoz gogatzea? Donibane bezperan aldarrikatzen ziren leloetan sugeak erretzeko asmoa ageri da baina, sua arma erasotzailea dela ahantzi gabe, ezin da baztertu garrak piztea zeruko sua gurtzeko erritua ere badatekeela. Dena dela, bi metodoak elkarrekin ibil daitezke – hizketan menturaz. XIII. ANDEREA, ZERUKO DIBINITATEA Aimery Picaud-ek, XII. mendean idatzi zuen Guide du pèlerin liburuan, euskal lexiko bat utzi zigun, hartan jakinaraziz euskaldunek jainkoari “Urcia” deitzen ziotela (“Deum vocant Urcia”). Izen horrek tinta asko isurarazi du, askotan haren egiatasuna ukatzeko. Batzuek diote jainkoaren izena galdegin nahiz, zerua seinalatu zuela Picaud-ek hatzamarraz, eta euskaldunek, jestuari erantzunez, “ortzia” (zerua) erantzungo zioketen. Kontua da, Michelenak ohartarazten duen bezala (1964: 51), beste euskal hitzak ongi ulertu bazituen Picaud-ek, zergatik herratuko zukeen horretan? Orreagaren gainean Ortzanzurieta mendia dugu, XIII. mendeko dokumentu batean “Orçiren çorita” izena daramana (Michelena, 1964: 38). Nafarroako Anboto ote zen mendi hura? Barandiaranek berak (1984: 168) onartzen du Urtz, Ortz edo Ost hori zeruaren eta ekaitzaren pertsonifikazio gisa gurtu zuketela euskaldunek, “osteguna” ere opa baitzioten, erromatarrek Jupiterri “Jovis diem” opa zioten bezalaxe. Halere, antropologoak ondorioztatzen du: “Es posible que Picaud interpretara mal en este caso lo que le contaron los vascos y que urcia no tuviera ya el significado que aquél le atribuyó” Ulergaitza da gure hizkuntzalari eta antropologo zenbaiten herabetasuna edo, nahiago bada, begibistan dagoena ukatzeko ausardia. Alde batetik, “ortzi” hitzak Azkueren hiztegian dituen lehen eta bigarren esanahiak “trueno” eta “nube atronadora” dira. Bestetik, ortzia egitea da Euskal Herriko pertsonaia mitiko garrantzitsuen eginkizuna. Eta halere harritzen dira XII. mendeko dibinitate nagusiari Urcia izena eman izanaz. Bitartean, Anderea batez ere ortzigile eta eurigilea dela kontuan hartu gabe, “Lurraren jainkosa” aldarrikatua da eta, hamaika ekaitza egiten aurkeztu ondoren, konklusioa hau da: Esta Mari provoca tempestades y es representada como una mujer de belleza extraordinaria, que cruza por los aires rodeada de fuego. Sus moradas dentro de las cavernas están llenas de oro y de piedras preciosas. (...) Las tradiciones que corren en torno a ella nos hacen pensar en una divinidad ctónica, del tipo de Proserpina (Caro Baroja 1966: 293). Atendiendo a algunos de sus atributos (dominio de las fuerzas terrestres y de los genios subterráneos, su identificación con diversos fenómenos telúricos o con los que se suponen que proceden de las entrañas de la tierra), lo consideramos como símbolo -quizás personificación- de la Tierra (Barandiaran, 1984: 139). Hartsuagak (1984: 49), Anderearen airekotasunari garrantzi sobera eman gabe, iritzi bera adierazten du. Handik aurrera etengabeki entzun behar dugu “Mari gure Amalurra” eta antzeko melengeriak. Ama baldin bada, “ama-ortzia” deitu behar genioke. Andereak alde ktonikoa ere baduela ezin da ukatu, bere zuloaren atetan agertzen da; baina goi mendietan dauzka zuloak, zeruari ahalik eta hurbilen eta, laminek ez bezala, airean betetzen ditu bere funtzio ospetsuenak: Eskoriatzan esaten dute zeruan (paradisuan) eta lurrean onartu ez zutelako, airean edo goi mendietako zuloetan dabilela. Anboto (eta Muru eta Txindoki...), beraz, euskal Olinpoa da eta, mitologia klasikoan Anderearen kideak bilatzekotan, Zeus-Jupiter dateke haren hurbilena, Proserpina baino areago. Ikus ditzagun haren ezaugarri zenbait, Eliade-ren arabera: Les titres de Zeus sont transparents et témoignent tous plus ou moins directement de ses rapports avec la tempête, la pluie, la fertilité. C'est ainsi qu'on l'appelle Ombrios, et Hyettios (pluvieux), Urios (celui qui envoie les vents favorables), Astrapios (qui foudroie), Bronton (celui qui tonne), etc. On l'appelle Georgos (fermier) et Chtonios (cf. Hésiode, Les travaux et les jours) parce qu'il commande la pluie et assure la fertilité des champs. (...) Le Jupiter italique, comme Zeus, était adoré sur les hauteurs. La montagne cumule un symbolisme multiple : elle est “haute”, est plus proche du ciel, c'est le ciel où s'assemblent les nuages et où se déclenche le tonnerre (Eliade, 1975 : 76-77). Zerutasunak ez dio inondik ere Zeusi galarazten bere alde ktonikoa. Jainkoen aita Kretako Dikte mendiko harpean sortu zen eta gaztaroa bertako Idako haitzuloan pasatu zuen. Anatoliako Zilizian ere badu lurpeko zulo bat, Tyfon sugearen egoitzatik ez urrun (Frazer 1983a: 290-92). Preseski, suge itxurako Zeus bat garraiatzen zuten helenoek beren migrazioetan (Eliade, 1975: 77). Gure Anderea ez da Zeus baino ktonikoagoa eta, harek legez, euriaren bidez gobernatzen du lurraren emankortasuna. Baina mitologia klasikoaren eraginagatik edo, itxura bizardun maskulinoa bilatzen dugu ortzia manatzen duen dibinitatea irudikatzeko: bitxi egiten zaigu komunzki giza-sinbologia2 duen arloa (goia, zerua) andere batek okupatzea, emakumeari behea eta lurra lotu ohi zaizkiolarik. Arazoa da ez dakigula XII. mendeko Urcia nola irudikatua zen. Eta anderea izan balitz? Baina gure arbasoek “Aita gurea zeruan zaudena” orde “Ama gurea zeruan zabiltzana” otoitz egin zezaketela pentsatzea, iraultza mental handiegia da... Amaitzeko, berriz azpimarratuko dira Euskal Herriko mitologiaren ekaitzegileen bi alderdi. Alegian, antzekoak eta elkarrekin lotuak ez ezik, bilduak ere direla egitura bakar batean, aurkakoen batasunean (coincidentia oppositorum); eta bat izate hori metaforaz adierazia dela (hegazti-sugeez, hierogamiaz, anaiagoaz, erreflexibitateaz...). Egitura horren bidez ulertzen ahal dira meteorologia kontrolatzeko ortziaren dibinitateen inguruan egin diren errituak eta haien egoitzen ondoan ezarri diren mendiko elizak; ahantzi gabe konjuratzaileak -apezak- eta konjuratuak batzuetan batuak direla. Airea zuten apezek bedeinkatzen, aireko izakiei zuzendua baitzen erritua, eta mendira jotzen zuten, Anderea bere haitzuloan ixteko asmoan, airekoa lurpean atxikitzeko xedean. II. kapitulua HERIOAREN IKUSPEGIAK3 Ezaguera eta senarekin batera, geure heriotzaren kontzientzia hartzen dugu jendeek, eta haren segurtamena da beste animalietatik bereizten gaituen elementu bat. Hartatik dator, neurri handi batez, herioaren ideia hobeto eramatera laguntzen duten sinboloak eratzeko beharra. Funtzio eztigarri hori betetzeko mitologiak sinboloen mintzaira erabiltzen du, besteak beste. Errealitatearen edozein arlotako gaiak erabiltzen ditu, are gehiago gure hestura handienen iturburua: heriotzaren aurrean gogoetak, galderak eta erantzunak egiten ditu, alde guztiei eta alde guztietatik begiratuz. Norberaren kezka existentziala da; baina soziala ere bai, uste gabeko heriotza auzoko sorginek ekarria dela susmatzen denean; eta kezka izpirituala, beste munduko bizitzaz eta hilaren geroaz pentsatzera eramaten duenean. I. ERRITUAK ETA MITOAK Tradizioak zabal eta zehatz aholkatzen du zer eta nola jokatu behar den heriotzunean, zein diren bete beharreko errituak, hilak zelan eta zertarako agertzen diren, zer egin hurbiltzen direnean eta nola lagundu beste munduan bakea erdiets dezaten eta, horrela, biziei ere bake eman diezaieten. Asmo didaktiko nabaria dute horietaz mintzo diren mitoek eta haien zerrenda luzea askotan aurkeztua izan da Euskal Herrian. Hemen ez ditut holakoak azalduko, baizik eta mitoek nola begiratzen dioten herioari, haietako protagonista baten hiltzearen kari zer sentimendu eta gogoeta eskaintzen dizkiguten. Bihotzean min dut Lizardiren poema hartuko dut kontrapuntu gisa, Valverdek ezarri dion doinuarekin batera, ez nezake-eta bata bestetik bereiz, hainbesteraino mintzatzen eta harrapatzen baikaitu musikak. Lizardik pertsonalki senditua bezala erakusten digu herioaren zauria, norberaren mina, hurbileko tristezia, poetak bizi izan duen zerbait gisa, erromantiko moduan. Halere, poetaren “hots-hots, bizion oinok” lelo errekurrentean, musikak ere azpimarraturik, nago ez ote zaigun azaltzen mundu honetan geratu direnen kulpabilizazioa, nahigabe arkaikoa bezain iraunkorra, beldurraren eta erritu apotropaikoen oinarrian dena. Esperientzia indibiduala baino areago alderdi kolektiboak azaltzen dituzte mitoek: sinboloen saretik eralgirik eta belaunaldietan barna lauspeaturik, ekoizkin ondua eta iragazia eskaintzen dute; ez hargatik eguneroko bizitzatik moztua edo hunkidura gabea. Eta beti ere ikuspegi desberdinetik begiratuko diote mitoek herioari, haren ertz anitzak hartuz, alde eta kontra nabarmenduz: herioa zerk edo nork eragiten duen, nola den bizitzaren atal bat, noiz aurpegi gorrotagarria duen eta noiz den desiratua. II. HERIOA NORK EDO ZERK EKARRI “Belea herioa bezain beltz dela erraiten baitute. Ez sekula” esaten da (Azkue, 1966: 415), herioa beltzagoa da, beti latza eta ikaragarria, bizia “ontasun preziatuena” dela errepikatzen zaigu gero eta usuago orain. Gauza naturala da herioa, ontsalaz. Baina min handia ematen duten nahigabeei zentzua edo zergatia bilatu nahi zaie, osterantzean alferrikako eta ulertezin gertatzen baitira, eta jasateko zailagoak. Gaitzari zentzu emateko modu bat norbaitek egina dela pentsatzea da, etsai batek igorria, bereziki ustekabean datorrenean edo etxe berean errekurrente denean. Etsai hori hurbil kokatzen da, auzoan berean maiz, eta hura da sorgina. Herioa beste norbaitek sorginkeriaz eragin dezakeen sinestea mundu osoan bada, edo izan da, eta haren bidez norberaren arazoari neurri handiagoa ematen zaio; dimentsio soziala alde batetik, auzoen arteko gorrotoan eta liskarretan duelako iturria; eta, bestetik, naturaz-gaineko dimentsioa, magiaz eragina delako, ez delako zerbait arrunta, berezkoa edo naturala; bidenabar, herioaren aurrean sentitzen den kulpabilizazioa beste batengan proiektatzen da. Horrelako joera orain ere atzematen dugu gure artean, beste modu batez gauzatua: elur jauzi batek eskiatzaileak eramaten dituenean, begiraleak edo eguraldiaren igarleak jartzen dira auzitan. Beti ere hobenduna bilatu nahiz, HIES eritasuna CIA-ren arma biologikoetatik zetorkeela entzun izan da luzez; orobat, 1999ko udan, New York-en gertatu zen Niloko entzefalitis izurritea Saddam Husseinek eragina ez ote zen galdetzen zuen bertako aldizkari batek. Sorginek hauts kutsagarriak zabaltzen zituzten ustea sinesgarria zen antzina; orain birusak zabal litezkeela badakigu, eta errazago zaigu horietan sinestea. Sorginen izateak esplikatzen zuen zergatik, errituak ondo egin eta debekuak errespetatu arren, jotzen zuen gaitzak; baina erantzule edo erruduna kontrolpean ezartzen ahal zen ber, gaitza ere kontrolatzen ahal zen. Eta, zorionez, begikotik babesteko erremedioak baziren: konjurua bazen sorgin gaiztoen kontra, baziren sorgingoa kentzen zuten osatzaileak, oreka hautsia berriz konpontzen zutena, eta jendeak lasaitzen ziren. Defentsa horiek efikazak izaten ziren beren sistemaren logikaren barnean; eta, txarrenean, huts egiten bazuten eta gaitzak beti irauten, izuak gaina hartzen zuenean, noizbehinka ustezko sorginaren lintxamendua gerta zitekeen (Munchembled, 1987: 154), baina ez pertsekuzio sistematikoa, De Lancre batek edo Inkisizioak egin zuten modukoa. Herioa ekar zezaketen sorginak gorrotatuak izan dira, herioa bera bezala. Azken denbora honetan askotan esan da jatorrizko tradizioan sorginak ez zirela gaiztoak, kristianismoak eta Elizak deabrutu dituztela. Ikusmolde hori oso bukolikoa da. Sorgin gaiztoen beldurra egiazkoa izan da, nahiz baziren ongiletzat hartzen zirenak, besteek egin mina sendatzen zutenak. III. HERIOA EUFEMIZATUA Sorginek eraginda zein naturak edo Jainkoak eraginda, jendeentzat herioak duen irudi latza eufemizaturik agertzen da usu, eta orduan goxaturik edo leundurik azaltzen da, sinbolo bizigarrien ondoan, kontsolagarri nonbait. Hona, adibidetzat, Bizkaiko kondaira bat, Laminaren amorantea: Mutil artzain batek mendian ezagutu euan neska eder-ederra, eta elkarregaz ezkondu behar eudiela. Esaten eutsien mutilari, hain ederra izateko, ez zala giristinoa neska hura, eta amak apezarengana jo euan aholku bila. Hark esan eutsen oinei begira egion -garai hartan gona luzeak eta-, lamina bazan, guk legez azkazalak izan barik, oilo erpeak izango euazala. Begiratu eutsen mutilak, baita ikusi bere oilo oinak. Etxera joan zan, ohean sartu eta ez zan gehiago jagi, tristuraz hil zan. Haren etxean hilbegiran bildu ziran auzoak, eta hara non sartu zan neska ederra, giltza zulotik, itxura: intxaur azal batetik estalgi pitxi bat atera eta hartaz estali euan bere amorantearen gorpua. Emakume batzuek eskuratu gura eudien oihal baliotsu hura, eta orratzez josi eudien ohera. Baina gorpua ehorzketara eroateko hilkutxan sartu eudienean, neskak bere estalgia eraitsi euan, berriz intxaur kuskuan sartu eta joan zan, etorri zan legez (Arana, 1996: 244, moldatua). Gazte baten heriotza gertakari latza da, baina maiteminez gertatzen denean, eros eta thanatos bikoteak prestigio poetikoa ematen dio, bere ikaragarritasunetik zerbait kentzen dio, sinboloak eufemizazioa bideratzen du. Izan ere, uztartuak ibiltzen dira amodioa eta herioa literaturako kondaira ederrenetan, eta nola ez aipa Tristan eta Isolde, are eta gehiago tradizio mitikoan sustraitua baita, amoranteen heriotza delarik eleberriaren mamia. Beste sinbolo esangarri bat ere bada artzain eta laminaren edestian: gorpuaren estaltzea. Oihal batean bildua dena amnios-en bildua bezala dago, matrizaren barnean nolabait, berriz sortzeko menturan. Estalkia intxaurraren barnean ekarria denean, irudimenarentzat hartan ere sartua dago gorpua, matriuska baten legez, eta bikoiztua da irudi intimista, errekurrentea, kuskuak arrautza iradokitzen baitu, bere barnean zerbait bizirik atxikitzen duelako: horrek ere berriz jaiotzeko itxaropena areagotzen du. Ideia bera adierazten du lurpeak, jentilen kondaira batzuetan aurkitzen duguna. Gizon handiak ziren jentilak, mairuen antzekoak, eta nola suntsituak izan ziren edesten dute maiz Euskal Herriko kondairek. Askotan, lehen lainoa edo euria ikusi eta beren zuloaren barne-barnean sartu zirela esaten da, eta geroztik ez direla gehiago ageri izan (Barandiaran, 1984: 103). Beste batzuek diote neskak bahitzen ibiltzen zirela eta herri osoa ikaran zeukatela. Orozkon, mendira joan zen neska bat hartu zuten jentil horiek eta mendi tontorreko beren gazteluan atxiki zutela, burdinazko ateak ipinita; neskaren nebak burdinazko palankak harturik joan ziren, ateak hautsi zituzten eta arreba salbatu. Berriemaile batek zehazten du jentilak beren gazteluko hormen itzalpean etzanaldian -lokuluxkan- zeudenean eraso zitzaizkiela mutilak eta, baserritarrak baitziren, laiak bezala erabili zituztela palankak eta gazteluko harresia jentilen gainean bota (Arana, 1996: 254, ikus “Auzo harremanak” kapitulua). Jentilak lur azpian dautzatela esaten denean, betirako ez direla akabatuak uler daiteke. Neskaren nebek laborarien jestua egin zuten, lurra iraultzen den bezalaxe bota baitzuten gazteluko horma, laiez. Hots, laborantxaren kodean, haziak dira lur azpian ezartzen, gero erne daitezen. Hila lurperatzeak haren biziberritzea segurtatzen duela oso sinboloa hedatua da gure artean, ebangelioak erabilia (Joanes XII, 24): “Lurrean erortzen den ogi bihia hiltzen ez bada han galtzen da, eta hiltzen bada fruitua ekartzen du”. Ez bakarrik hazia, hezurrak ehortzeak ere antzeko mezua bideratzen du, batez ere ipuin tipo batean (Aarne & Thompson, T 720: “My Mother Slew me, my Father ate me”), gurean “Beñardo” izenarekin Barandiaranek bildu duena. Behin batean aitama batzuk bizi ziren beren bi haurrekin, Kataliñ eta Beñardo. Egun batean amak esan zien eskolatik lehenbizi itzultzen zuenarentzat katilu bat esne izango zela. Beñardo etorri zen, baina ez zen esnerik: amak haizto handi batez hil zuen, txiki-txiki egin eta pertz batean egosi. Kataliñ sartu zenean galdegin zuen non zen Beñardo, eta pertzan ikusi zituen haren atzamarrak bor-bor, irakiten. Amak esan zion bazkaria aitari eraman behar ziola basora. Negarrez abiatu zen Kataliñ. Amatxi xahar bat jalgi zitzaion bidera eta neskatxari erran, aitak jan eta, nebaren hezurrak artoski bil zitzan, eta aitak galdegingo ziola “zertarako nahi ditun ba hezur horiek?” Eta: “jostatzeko” erantzuteko. Eta gero, etxeratuta, haitzurra hartu eta zulo bat egin zezan baratzean, eta hartan hezurrak sar zitzan; amak galdegingo ziola: - Zer ari haiz Kataliñ? - Barazuriak aldatzen. - Bai bai, alda itzan, behar ditugu-eta. Amatxi harek erran bezala egin zuen Kataliñek arratsean, eta biharamun goizean baratzean bazen madariondo bat eta haren gainean Beñardo bixi-bixirik, kantuz ari: “Amak hil ninduen / Aitak jan ninduen / eta ene arrebatxoak piztu ninduen”. Eta amari madari ustel bat eman zion eta Kataliñeri altxoka bat madari eder (Barandiaran, 1962a: 80). Hezurrek, ehortzi gabe ere, izaki osoa biziarazteko ahala dute. Antzinako ehiztariek, hiltzen zituzten animalien espeziea berriztatuko zela segurtatzeko, haien hezurrak beren larruan biltzen zituzten, horrela berriz sortuko zirelakoan (Ginzburg, 1992: 160-65). Kristau tradizio herrikoiak ere ezagutzen du berpizteko bide hori, santuen mirakuluen bidez adierazia, Legenda Aurea-n (1967, II: 29): txerrizain batek San Germano eta haren lagun gosetuak asetzeko, etxeko aratxe bakarra hil zuen; santuak aberearen hezurrak bildu zituen larru gainean, otoitz egin zuen eta aratxea bizirik jeiki zen. Alabaina, erritu horien sinbologia, hilobiratzeari baino, arestiko laminaren jestuari hurbilago dira, xede berdinekoak izanik. IV. BIZITZEA ETA HILTZEA PAREKATUAK “Nigarrez sortu nintzen, nigarrez hiltzeko” dio kantuak, sortzea eta hiltzea parekatuz, eta ez ikuspide baikorraz, bietako tristezia nabarmentzen baitu soilik. Herioa eta bizia alderatzea bata bestearen parte dela onartzea da. Bikote hori askotan azalduko da, eta bizitzaren hasieran berean agertu ohi zaigu ezinbesteko bukaera, “hiltzeko sortuak gara” eta antzeko esakeretan adierazia. Arizonako Hopiek haur jaio berriari opatzen dizkiote, batera, bizi zoriontsua eta heriotza eztia. Heriotzak bizitza balio lezakeela aditzera ematen duten bi kondaira aipatuko ditut: Senpereko laminak eta Laminen emagina. Hau da lehena: Duela bizpahiru ehun urte, laminek ba omen zuten egoitza Senperen, Utsaleko zubiaren azpian. Behin batez lamina haietarik bat hiltzerat omen zoan, eta laminak ez zitezkeen hil, deus gisaz, gutarteko jende batek haren aitzinean den otoitzik ttikiena erran gabe. Lamina bat joan zen Gaazetxean baitzuten ezagun bat eta, haren ganat. - Etorri behar duzu, otoi, gure etxeraino, gure lagunetarik bat arras gaizki da eta ez du bere azken hatsa botako ahal, zuk ikusi eta otoitz tiki bat harentzat erran dukezun arte. Sari ederra izanen duzu, berrogeita hamar libera eta ikusgarri zerbait. Joan zen, Utsaleko zubiaren ondora heldu eta, haien etxean sartzeko behar baitzen urean iragan, laminak makila berezi batekin “kaxk” jotzen du ura eta ura egiten da berehala bi zati. Biak iragan ondoan eta, kaxk egin eta berriz batu ura. Sartzen dira eta emazteak hil-hurrenaren aitzinean otoitz bat erranik, jatera gomitatzen dute ogi bat ona, elurra bezain xuria... Ogi poxi bat hartu zuen mokanesean etxean erakusteko. Eta abiatzen denean, “kaxk” egin eta ura ez dela zatitzen: - Ez duzu uste gabean gure puxka zerbait zurekin? - Ez, ez - Ba, ez dezaket ura bi aldi egin... - Ogi pitta bat dut mokanesean, etxean erakusteko - Gure etxetik ezin da deus eraman, nehork ez du gure gauzarik ikusi behar sekulan. Itzuli zuen eta ura zatitu zen (Barbier, 1931: 22). Laminen emagina kondaira biziki hedatua da Euskal Herrian, Zuberoatik Bizkaira, eta aurrekoaren antzekoa da, salbu beste une batean behar zutela laminek jende bat: Jundane Juhane bezpera batez Eskiula Gorripeteko etxekandereari jin ziozün, ekiaren jeikiteko tenorean, neskatilla eder bat etxera. - Egün hun, Margaita, behar düzü oihanpeala jin, emazte bat beita han haur-minetan, behar düzü lagüntü. - Eta zü nor zira? Ez zütüt ezagützen. - Jakinen düzü nor nizan. Jarraiki zakitzat, otoi, zure fortüna eginik dükezü haur haren eraikitzen lagüntzen bagütüzü. Gogatzen dizü eta biak oihapeala heltzen dütüzü. Han xaharo bat emaiten diozü Margaitari eta erraiten: - Jo zazü lurra. Sinesten dizü eta berdenboran portale eder bat zabaltzen ziezü aitzinean. Han sar ondoan jauregi eder batetan edireiten dütüzü, eta barnago eta ederrago, bazterrak oro ekia bezain argi. Sartzen dütüzü kanbera handi batetan, hura beitzen orotako ederrena. Han züzün llamina erdi-erdian eta haur-minetan. Üngürü-üngürü kanbera garnitürik züzün jente txipiñi eli batez. Margaitak egiten dizü bere lana, eta gero karesatzen dizie gain-gainetik. Eman ziezün partikülarzki ogi batetarik, zoin xuri beitzen elürraren pare. Margaita abiatzen düzü etxerat, bena borta ez zizien seküla zabaltzen ahal. - Zük heben zerbait hartü düzü! -erraiten diozü lagünak. - Ez, nik deus ere, ogi muxi hau baizik, etxekoer erakusteko zoinen eder den. - Bena heben ützi behar düzü. Üzten dizü eta berdenboran borta zabaltzen düzü. - Hau zure pakamentia: ürrezko pera bat. Ez erran seküla inori, eta goiz oroz ürre ate (meta) bat edirenen düzü horren kantian. Hala egiten dizü, eta etxeko zorrak oro pakatürik, oraino huntarzün handia baratü beitzizaion. Senarra jelostü ziozün, eta Margaitak, etxeko bakearen amoreagatik, segretia hari erran; eta lehen gaian pera galdü eta ez haboro agertü. Badütüzü orano egün ere güne hartan xilo eli bat, llaminen xiloak deitzen (Cerquand, 1986: 39, laburtua). Kondaira batean hiltzea dugun leku berean, bestean sortzea dugu. Laminategietan parekatuak dira biziaren hastapena eta bururapena, biendako jendeen laguntza behar dute. Funtsean bizitza errealean ere horrela izaten da: sortu berria eta hila urez ikuzi ohi dira, eta maiz pertsona berak, emakume batek, hartzen ditu bere gain bi eginkizunak (Verdier, 1979: 140). Bizia eta herioa lotzeko beste modu bat da heriotza bizitzaren atal gisa ikustea, hura bezain ona edo hura bezain gaiztoa. Ipuin miresgarrien amaieran maiz esan ohi da protagonistak aberats, zoriontsu eta luze bizi zirela. Euskal Herrian, bereziki Iparraldeko Barbierren eta Webster-en bildumetan (Kaltzakorta, 1989: 23), horrela bururatzen dira ipuinak: “Ongi bizi baziren ongi hil ziren”. Esan nahi baita, ongi bizi ondoan ongi hiltzea dela zorionaren parametroa, hiltze onik gabe bizitza ez litekeela kausitua, huts egina baizik. Ideia ez da berria, Lidiako (Anatolia) Kresos erregeak, Persiako Kiros-ek preso hartu eta hiltzera kondenatu zuenean, Solon zuhurraren hitzak gogoratu zituen: “Ezin daiteke esan norbait zoriontsua izan dela, nola hil den ikusi arte”; eta hori entzutean, bizia barkatu zion pertsiarrak, baita bere jauregian egoitza eman ere. Ongi hiltzea da euskal ipuinetan adierazten den nahikaria, ez betiko bizitzea edo hilezkor izatea. Herioa, beraz, onartua da ona denean. V. ONDO BIZI, TXARTO HIL Onartua ez ezik, desiratua ere izan daiteke herioa, bereziki norbaitek hil-hurren luzea jasaten duenean. Euskal mitologiak usu azaltzen digu kinka larri hori. Hiltamu gaiztoak berez sortzen duen ikara handiagotzen ahal da sufrikarioa kondenaren seinale dela uste denean, hala izan baita inoiz. Senpereko laminek beren lagunaren hiltzea eragin zuten otoitz baten bidez. Ez bakarrik mitoetan, errituetan ere hil-hurrena laburtzeko praktikak egin izan dira. Adibidez, beila bat ofreditu Orreagako Ama Birginari, “eria pausatzeko”, Behorlegin entzun dudanez. Zerainen, gaixo batek heriotza gogorra zuenean, auzoko etxeetan dirua biltzen zuten gomendiozko meza bat ateratzeko, lehenbailehen pausa zedin (Goñi, 1991: 64). Frantzian, apezen desadostasunaren arren, bazen librantzako meza berezi bat “topezu” deitua, Côtes-du-Nord departamentuan egiten zena Van Gennep-ek (1946: 666) han inkestatu zuenean. Folkloristak dioenez, eliza berezi batzuetara beila egiten zen hiltzen ari zena laster hil ahal izateko: Auverniako Saint Languinon elizan auzoek ordaintzen zuten holako meza. Basse-Bretagneko Saint Languiz iturriaren berri ematen digu Sébillot-ek (1968 II: 240): hango urak hiltzear direnen sufrikarioak akabatzen ditu, biziarekin batera. Saindu horien izenak 'languir' (itzali) aditzetik eratorriak dira eta ongi adierazten dute zer mesede mota ekartzen zuten. Beste prozedura bat zen hiltzear dagoenari harrizko haizkora bat musuaraztea (Van Gennep: ibid. ). Eutanasiara hurbil dira horiek guztiak funtsean, eutanasia magikoa bada ere, hartan sinesten dutenentzat hasteko. Hil-hurren luzea, diotenez, deabruek eragiten ahal dute arima infernura eramateko borrokan, eta kasu horietan, bistan da, hilarazteko otoitza zilegitua da. Sorginkeriak ere ekar zezakeen heriotza gaiztoa. Edo sakreak: Orozkon, norbaiti botatzen ahal zaion larriena ei da “Atzen onik ez al du izango” esatea, edo “Atzeneko orduan ere ez dautsut barkatuko”; horien ondorioz, madarikatuaren hil-hurrena luzatzen da madarikatzailea eriaren ondora etorri eta barkatu arte (Barandiaran: 1973b: 57-59). Badira gure mitologian heriotza gaiztoa -hil ezina- eragiten duten izpiritu tiki eta bihurriak, familiariak edo prakagorriak deitzen direnak. Orratzontzian atxikitzen dira eta, askatzen direnean, lana eskatzen dute, baina eman bezain laster bururatzen dute eta berriz hasten dira lan eske. Sorginen indarrak deitzen dituzte, gauza miresgarriak egiten baitituzte. Horrelakoak dauzkanak bizi erraza eramaten du, eta aberatsa da lan egin gabe. Badituzte, ordea, maina txarrak, eta bat bereziki: familiariak dauzkana ezin da hil haietaz desjabetu arte; hil beharrean eta hil ezinean paratzen da, sufritzen, oihu batean. Orduan, erremedio bakarra familiariak norbaiti ematea da, onartuko dituen norbaiti (ikus “Emazteak I” kapitulua). Orozkoko adineko jendeek ezagutu duten artzain bat, Itzingotiko txabolakoa, izugarri arina zen lasterka, eta denek esaten zuten prakagorriak bazituela, nahiz harek ukatu; hiltzen ahal izateko ahuntzari eman ei zizkion, eta aberea airean joan zen, ez zuten gehiago ikusi. Bazen neska bat ere, Jakoa, familiariengatik airatua: Gizon familiardun bat hil beharrean eta hil ezinean paratu zen. Alaba Bilbon baitzegoen neskame, aitak deitu zuen eta familiariak eskaini zizkion. Neskak onartu eta berehala airean joan ei zen, eta geroztik ere beti airean ibili zen, inon ezin geldituz: sorgina zela esaten zuten ezagutu dutenek. Zerbait antzekoa kontatzen dute Anbotoko Andereaz. Andere hori pertsonaia oso garrantzitsua da gure mitologian, eguraldia eragiten duelako. Mendiko harpeetan egoten da, eta mendi batetik bestera joaten ikusten dute, gauaz, dena su eta gar. Anbotoko Andere hori nola sortu zen esaten dute kondaira anitzek, eta haietarik batean familiariak dira kausa. Neskazahar batek familiariak zeuzkan eta, hiltzeko ordua heldu zitzaionean, ezin zen hil. Neskatoari eskaini zizkion eta, familiariak hartu bezain laster, neskato hori airatu zen, eta horrela ibili zen geroztik, airean kondenatuta mendi batetik bestera, su eta gar, tximistak egiten. Hura zen Anbotoko Anderea. Edesti honetan, familiardunen hiltzearen truke, neskato hartzailea kondenatzen da, beste munduko bat bilakatzen da, hilezkor ontsalaz, haren kondena betikoa baitzen. Baten hilezkortasuna bestearen hiltzearen ordaina dateke. VI. HERIO DESIRATUA Hilezkortasunaren nahikaria baino gehiago, heriotza gaiztoaren beldurra adierazia da euskal mitologian. Alabaina, Guillaumie-k dioenez (Lafittek zitatua, 1941: 21), laminak jendeen bizitza konpartitu nahi dute, batez ere tormentatzen dituen hilezkortasunaz gabetzeko (“pour perdre l'immortalité qui les supplicie”). Interpretazio hori gorago aipatu istorioan oinarritua izan liteke, hiltzeko jende baten otoitza behar dutela laminek. Baina segur aski arazo bera dago Laminaren amorantea tipoko istorioaren azpian: Paracelsok esplikatu zuen hilezkor direla lamiak Azken Judizioko eguna arte, eta handik aurrera suntsituko direla, non ez duten jendeen hilkortasuna erdiesten gizon batekin ezkonduz (Le Roy Ladurie, 1971: 617). Balio du ikustea noraino eraman izan den hil ezinaren fantasma Euskal Herritik kanpoan. Ontasuna gutiziatua den bezain beldurgarria dela hilezkortasuna dio Frazer-ek (1984 IV: 62-63), horri buruzko mito batzuen berri ematean. Holstein-en (Alemania) alai eta ongi jaten bizi zen andere batek betiko bizi nahi izan zuen; haren guraria ederki bete zen hasieran, baina zahartu arau ihartzen hasi zen, eta gero ibili ere ezin zuen egin: haur bati bezala ematen zioten jaten eta, tiki-tikia bilakatu zenean, kristalezko botila batean sartu eta Lübeck-ko Santa Mariaren elizan zintzilik jarri zuten. Han dago, sagutxo bat bezain ñimiño, urtean behin bakarrik higitzen omen da, eta ezin hil beti. Istorioa Cumas-ko sibilarena da: Ovidiok bere Metamorfosi-etan kontatzen duenez, jadanik haren garaian zazpiehun urtekoa zen sibila eta mila bete arte bizi beharko. Legendak esaten du nola Apoloren profetisak hilezkortasuna eskatu zion jainkoari, bere zoritxarreko. Apolok sibila maite baitzuen, bere nahikari bat beteko ziola agindu zion. Eskutada bat hautsean den hauts-papur bezain beste urte bizitzea eskatu zion sibilak, baina horrekin batera betiko gaztetasuna ere eskatzea ahantzi zuen eta gero, jainkoak birginitatearen truke eskaini bazion ere, neskak ez zuen onartu. Zahartu arau ihartzen eta tipitzen joan zen, azkenean txirrita bat bezala gelditu arte: Cumasko Apoloren tenpluan zeukaten kaiola batean, txoriño bat bailitzan zintzilikatua. Haurrek, txarkeriaz, galdegiten zioten: “Sibila, zer nahi dun?” Eta harek erantzun: “Hil nahi dut” (Grimal 1951: 421, moldatua). Sibilaren patu eta hitzen zirrara ez da oraino ahitu, T. S. Eliot-ek aukeratu baititu The Waste Land hasierako exergoan: “Nam Sibyllam quidem Cumis ego ipse oculis meis vidi in ampulla pendere, et cum illi puero dicerent: Σίβυλλα, τί θέλεις; respondebat illa: Άποθανεῖν θέλω”. Proventzan, Katalunian eta Balearetan, Eguberriz ematen zuten “El cant de la sibil.la”-ren musikak murgiltzen gaitu giro lazgarri horretan, nahiz kantuaren hitzek ez duten hilezina azaltzen, Azken Judizioa baizik; baina badakigu, gorago aipatu den Paracelsok hala dio, munduaren bukaeraren ideiak nahigabetzen dituela ordu arte hilezkor izango diren izakiak, laminak eta melusinak. Literaturan, Jonathan Swift irlandarrak jorratu du hilezkortasunaren gaia Gulliverren bidaiak liburuan. Hamargarren kapituluan, Luggnagg islara heldu da protagonista: Isla hartan badira Struldbrugg edo “hilezkorrak” deitzen dituzten jendeak: noizean behin sortzen zen haur bat, bekainaren gainean orban bat zuena, bere hilezkortasunaren marka. Gulliverrek pentsatzen du zorion handia dela struldbrugg sortzea, eta hasten da pentsatzen berak zenbat gauza eder egin lezakeen hilezkor balitz: jakintsua izango zen, aberatsa, jendeen ongilea, historialaria... Baina laster erori zen bere ametsetik, gaztetasunaren baldintza ahantzia baitzuen harek ere. Struldbrugg-ek zahar okituen aie fisiko eta psikiko guztiak biltzen zituzten, gehi sekula ez bukatzeko perspektibak dakartzana: ezinduak, itsusiak, gaitzikorrak eta, batez ere, asozialak eta egoistak izatea. Akats guzti horiengatik eskubide zibikoak kentzen dizkiete laurogei urtetik aurrera, beldurrez-eta beren bizi-esperientzia luzea erabiliko dutela beren burua aberasteko eta besteen kalterako. Oroimena galdu dute eta ez dira historia egiteko gai. Hizkuntza aldatzen baitoa denboraz eta struldbrugg-ak bilakaera hori jarraitzeko gai ez izanez, arrotzak dira beren herrian, ezin dira besteekin solastatu, ez eta irakurri edo idatzi ere. Jende arrunten ehorzketak ikusten dituztenean, zingurika hasten dira, haientzat sekula helduko ez den bukaera desiratzen (oso laburtua). Horiek guztiak ikusita, biziki hoztu zitzaion Gulliverri betiere bizitzeko nahikaria, eta pentsatu zuen horrelako bizitza baino nahiago zukeela edozein heriotza gaiztoa. Hara, Jonathan Swiften gogoetak herioaren eufemizatze aldera doaz, eta esplizituki -mitoek ez bezala- irakaspena ateratzen du: hiltzea, funtsean, irtenbide hoberena datekeela. Horrek Euskal Herriko ipuinetara ekartzen gaitu berriz, haietan aurkitzen dugun “ideala”: ongi bizi eta ongi hil. Hiltzeari buruzko diskurtso orekatu eta zentzuduna urrun da hilezkortasunaren amets zoroetatik; baina etsipenaren marka darama nonbait, are eta gehiago orain, bizia ez dela hiltzeko programatua sumatzen hasiak direnean biologoak. Aldi berean, doi bat hits geratzen da ideal hori, batez ere Isolderen -beste irlandar bat- heriotzari alderatzen badiogu, amodioak edertua eta Wagneren musikak goraipatua, haren liluran ezerezaren leizeko erakarpena igartzen badugu ere. MUSIKA ° Lizardi- Antton Valverderen “Bihotzean min dut” kantua, hasieran. https://www.youtube.com/watch?v=PAJ-NNLj0UI ° Wagner, Tristan & Isolde-ko preludioa, Laminaren amorantea kondaira girotzeko. https://www.youtube.com/watch?v=7_7HUTE-SIg ° Brave eta Besonart-en “Nigarrez sortu nintzen, nigarrez hiltzeko” abestiak bizitzaren hasiera eta bukaera parekatzen ditu. Hona beste bertsio bat: https://www.youtube.com/watch?v=9Ebqp-f75wQ ° Sibila gogoratzeko, “El Cant de la Sibil.la”: bertsio proventzala, Capella Reial de Catalunya-k emana (Jordi Savall zuzendari, Monserrat Figueras soprano, Alia Vox P. 1999). https://www.youtube.com/watch?v=wzffW6dwHH4 ° Bururatzeko, Wagner Tristan & Isolde-ko bukaera: “Isolderen heriotza”. https://www.youtube.com/watch?v=D8UGioB3Xdg III. kapitulua AUZO HARREMANAK LAMINEN ETA JENTILEN MITOETAN4 Gure mitologiako kondaira gehienetan jendeek izaki mitikoekin dituzten borrokak kontatzen dira, eta laminen edo jentilen istorioetan ugariak dira bi taldeen arteko kalapitak, noizbehinka harmonia topatzen bada ere. Harreman horiei begiratuko diegu, auzoen artean izaten diren arazoen isla direlakoan. Esan nahi baita, mitoen bidez jendeek gogoetatzen eta formulatzen dituztela beren hurkoekin dituzten adiskidetasuna eta bekaizkeria, elkarlaguntza eta tirabirak, abusuak, zapalkuntzak eta haien aurkako oldartzeak. Jendeak etxeetan bizi dira; laminak, jentilak, mairuak edo basajauna baso aldean, harpeetan usu, izaki ktoniko gisa. Bi multzoek, auzoek bezala, elkar gurutzatzen dute, besteak beste laminak etxeetara hurbiltzen direnean eta jendeak basora. Kondairek ulertarazten dute harremanak onak izan zirela behiala, eta noizbait gauzak mindu zirela. I. LAMINAK NOLAKOAK Laminak emazteak dira gehien bat, batez ere Euskal Herriko mendebaldeko tradizioan. Nafarroan eta Zuberoan gizonak ere izaten dira, Gillen izenekoak eta tiki-tikiak, zubi eta jauregien eraikitzaileak. Hemen aipatuko ditugunak emazteak dira, maiz “Orbela airez aire” Bizkaiko baladak deskribatzen digun Ama Birginaren antzekoak: ipar haize goxoak orbela airatzen duen larre ederretik doa erreka eta haren bazterrean topatu du poetak Ama Birgina, buruko ilea orrazten ari dela; urrea zen ile hura, eta ilondo bakoitzetik perla zerion; ile horri ipini behar zaion xingolak bost dukat balio du Madrilen; andere horren ehulea Maria Madalena da eta haren joskilea erregeren alaba - ugazabandrea zein gora den adierazten du sehien mailak. Irudi tipikoa da Ama Birginarena erreka baten ondoan, Edem-go ibaiaren ondoan ote? Baina gure baladako anderea laminen eta basandereen kopia da, horiek egoten dira-eta ur bazterrean, bilo luzearen orrazten, urrezko orraziaz (Ama Birginak biloa du urrezkoa, laminek orrazia), edo arropa ederrak zuritzen. Askotan - Espainian eta Frantzian hasteko - Ama Birgina ere irudikatua da latsan ari, Jesus-Haurraren zapiak eta xatarren ikuzten, komunzki. Herri tradizioak laminen itxura eman dio Ama Birginari, bien eiteak uztartuz eta bi pertsonaien arteko sinkretismoa eginez. Holakoetaz beterik dago kristau tradizio herrikoia, eta esan behar da, aurkakoa maiz entzuten bada ere, gehienetan ez duela kristianismoak erligio paganoa aldarazi, alderantziz baino: erligio paganoak ditu pertsonaia kristauak itxuratu eta haien izaeran eragin, kasu honetan bezala, Ama Birgina “laminduz”. Neska ederrak izaten dira laminak, bederen basoan daudenean beren artean eta inork begiratzen ez dienean; norbaitek sorosten dituela ohartzen badira, ikaragarri itsusi bilakatzen omen dira. Ederrak eta itsusiak, onak eta txarrak, bikoitzak beti. Jendeen etxeetara tximiniatik sartzen zirenean ere, “sorginak bezain itsusiak” zirela diote, eta batere ez maitagarri. II. LAMINAK ESKE Jatekoaren bila hurbiltzen ziren bereziki laminak etxeetara: Orozkon esaten dute, lehen, labekada egiten zutenean, ogi bero eta pamitxa eske etortzen zirela, batez ere basotik hurbil ziren etxeetara, usainak erakarriak edo; zatitxo bat ematen baldin bazieten, pozik joaten zirela, bestela ez omen zuten bakerik ematen (Arana, 1996: 219). Baina laminek gehien gustuko dutena txitxi-burruntzia da, edo urina, Lamina zauritua istorioak azaltzen diguna. Altzürükün bada Erregia etxea. Hango nagusia ments zelarik, lamina emazte bat jiten zen tximiniatik eta etxekandereari arto (mestura) urinean bustia galdatzen zion: eta berehala presta litzon, bestela joko zuela. Hola gau oroz. Emaztea aspertu zen eta senarrari erran. -A, hola da? Bihar nik igurikatuko dinat lamina hori. Emaztearen arropak jantzi eta jarri zen supazterrean iruten. Jin zen lamina eta erran zion: -Barda pirpirin-pirpirin eta gaur pordoska-pordoska? -gizonak jakin ez iruten, eta larri egiten zuen. -Barda lihoa nuen eta gaur iztupa. Mesfida zen lamina eta galdegin zion: -Nola deitzen hiz. -Nihauren buru. Lamina, gona altxaturik, uzkiaren berotzera jarri zen eta urina galdatu zion gizonari. Gizonak urin anitz ezarri zuen zartainean eta bero-bero zenean bota zion laminari gona petik. Orroaz joan zen lamina tximinia gora eta haren orroetara lamina saldo bat jin zitzaion: -Nork egin daun? -Nihauren buruk. -Hihauren buruk egin badaun, ihaurek goza ezan! - han utzi zuten eta hil zen lamina (Cerquand, 1986: 60, laburtua). Saran ere erraten zuten Larrungo mendiaren oinetan bizi zirela laminak, leze batean, eta jendeak pertsekutatzen zituztela, inguruko etxekoak bereziki. Tximiniatik sartzen ziren jatekoa eskatzen eta zernahi ozarkeria egin zioten emazte bati (Cerquand, 1986: 55). Honelango bertsioetan, laminak ohointzat hartuak dira: jaten dute eta ordaina eman gabe joaten dira. III. ELKARREN GOMITAK Baina bikoiztasuna beti hor da eta bertsio batzuetako laminak gisakoak dira, soro lanak egiten dituzte, etxekandereak supazterrean eman janariaren truke, eta emailearen etxea gero eta aberatsago bilakatzen da. Hala da Barbierren “Laminak Bazterretxean” kondairan, eta oraindio nabariago Landesetako bertsio batean, Arnaudin-ek bildua (1996: 40, ikus “Emazteak I” kapitulua): senarraren isilean gertatzen ziren emazte eta laminaren arteko harremanak eta elkarlaguntza, eta gizonak jakin zuenean, lamina zauritu zuen; lamina ez zen gehiago etorri eta etxea peko errekara joan zen. Kondaira hauetan, emazteek laminak gomitatzen eta ohoratzen dituzte, eta haiek, ugaltasunaren dibinitate gisa, etxeko ontasuna bermatzen dute: oro dira irabazle. Gizonak dena hondatu du eta urre-aroa bukatu da. Bibliako Edem-go istorioan emazteak zuen dibinitatearekiko adiskidantza deuseztatu; hemen, behingoz, alderantziz da. Orozkoko beste istorio batek dio etxeko andre bat basora joan zela, laminek antolatzen dituzten erromerietan parte hartzera eta dantzatzera; akelarre moduko jaia zen eta tximiniatik jalgi zela, sorginek egin ohi duten bezala (ikus kondaira osoa “Emazteak I” kapituluan). Ohargarria da Akelarre istorio horien eta Landesetako Lamina zauritua-ren bertsioen simetria: bigarrenetan, tximiniatik sartzen dira laminak emakumeen apairuetara; lehenetan, tximiniatik jalgitzen dira emakumeak laminen dantzaldietara. Harreman sozialetako ordaritza eta erreziprozitatea agertzen dira laminek eta jendeek elkarri egiten dizkioten bisita horietan. Aldaerak aldaera, tximiniatiko laminen istorioetan ez da beti berdin. Batzuetan auzoen arteko elkarlaguntza azpimarratua da eta lanaren bidez ordaintzen dute laminek emazteen supazterrean jan dutena; besteetan lapur moduan aritzen dira, bortizkeriaz eta mehatxuz. Bien erdian den jokaera ere bada, eta bertsio zenbaitetan eskeko aspergarriak dira laminak, beren burua gomitatzen dute eta pagatu gabe jan. Eskatzearen eta ebastearen arteko mugan. IV. LAMINEN ORRAZIA EBATSI Jendeek ere, ahal zutenean, lapurtu egiten zieten laminei, zerbait ahantzita uzten zutenean; horrela hasten da Orrazia lapurtu deituko dugun kondaira. Bertsioak ugariak dira, Bretainian, Okzitanian eta Euskal Herrian (Arana, 1996: 706). Hona hemen Orozkoko bat: Arandi etxea bada Urigoitin. Hango bat ahuntzen bila joan zen eta laminak topatu. Haiek jendeak sumatu eta ariniketan ihesi joan eta beren zuloan sartu ziran, bertan utzita orrazia - edo xukatzen zabaldua zuten izara bat. Arandik orrazia hartu eta etxera eroan. Eta hurrengo gauean laminak etorri jakozan esanka: “Arandi Arandi / entrega nire orrazi / ezpabere nik hondatuko dut zure askazi”. Arandikoak beldurtu ziran eta aurkitu lekuan utzi eudien orrazia. Eta handik aurrera bakea ukan eudiela diote kontalari gehienek. Batek izan ezik. Horrek zioen laminek biraoa bota eutsiela lapurraren etxeari: “Arandin ez zala zororik edo erorik faltako”. Eta hala izan dela esaten dute. Dena den, etxea hutsik eta utzirik zegoen berriemaileak istorioa kontatu zuenean (Arana, 1996: 233-243, moldatua). Ekialdeko bertsioetan, laminek harriz betetzen diote soroa orrazia hartu dienari (ikus “Ura” kapitulua). Orrazia lapurtu kondairaren Orozkoko bertsio hau ere Lamina zauritua-ren simetrikoa da: lehenean laminek jendeei janaria hartu eta kario pagatzen dute (laminaren zauria); bigarrenean jendeek laminei orrazia hartu eta zigorra bildu dute (eroak eta zoroak etxean): nolabaiteko erreziprozitatea bada eta “biok berdin” amaitzen da partida. Ohartzeko da bestalde, lapurtzearen zenbat maila azaltzen diren bi kondairetan: lehenean, eskatzea eta kentzea ditugu, eta ez da argi bien arteko marra non den; halaber bigarrenean, aurkitze eta kentzearen artekoa. Eta posibilitateak ez dira agortu, hurrengo kondairak, Laminen emagina-ak, beste kasu bat eskainiko digu. V. LAMINEN EMAGINA Laminen (edo jentilen) emagina istorioaren ale anitz bildu dira Euskal Herrian: Kortezubin, Zugarramurdin, Isturitzen, Altzain (Barandiaran, 1961: 66; 1962b: 84; 1973a: 448-451), Behorlegin, Altzürükün, Eskiulan (Cerquand), Sakanan eta Abaurrean (Azkue, 1966: 425 eta 393)... Biarnoan Accous-eko bertsioak atxeman ditu Sébillot-ek (1968a: 438). Motiboa Ingalaterran, Eskozian, Irlandan, Bretainian, Laponian, Islandian, Danimarkan, Japonian eta Indian ere aurkitu du Thompson-ek (F 333 eta F 372). Orozkon jentilak dira laminen lekuan: Presatxu etxeko jaunaren amatxiren amatxi Maiurtun (Mariortu) bizi zen. Gau batez jentil bat etorri zitzaion: emaztea haurminetan zuela, Maiurtuko etxekanderea biziki emagina ona zela entzuna zuela eta, otoi, laguntza ematera etortzeko. Emaginak ezetz, beldur zen. Eta jentilak: -Aditu andratxu, hemen kuxutzen (hartzen) zaitut eta hemen utziko zaitut, baina mesedez zatoz, gauza ez da ondo heldu. Eta joan ziren. Jentil Zulorainoko bidea ezagutu zuen andere harek, baina handik aurrera ez, bakarrik ur ondoan ibiltzen zirela (Jentilzuloko Erreka zen, hain segur); ate batera heldu ziren eta, zerbait ikututa, zabaldu egin zen. Barnean leze bat bezala zen, eta argia. Emaginak jentila lagundu zuen haurra egiten, eta apairu egitera gomitatu zuten: arraultze-txistorra eta ogi bat zuri-zuri-zuria, aski ona. Jentilen deskuido batean emaginak ogi zati bat sartu zuen sakelan, etxean erakusteko zein ona zen. Joaterakoan, saritzat eman zioten diru zerbait eta sobrekama oso eder bat. Baina atera heldu eta ezin zuten ireki. -Andratxu, zuk zeozer kuxu duzu hemetik. Ezetz eta ezetz, besteak. -Bai andratxu, ez dautsut ezer egingo, baina zeozer kuxu duzu. Azkenean ogi zatia erakutsi zuen: harengatik ezin zuten urten. Hartu zioten atzera eta ogi handi bat eman. Eta etxera etorri zen. “Jentilen sobrekama” hori Presatxuko etxejaunak ezagutu du, traperoei eman zieten arte (Arana, 1996: 245, laburtua). Hemen dugun “lapurretaren” hirugarren moldea besteak baino arinagoa da, funtsean lapurreta ere ez da, doi-doia jendetasun falta: ez da ongi gomitatuek isilean eraman dezaten bertan jan ez dutena. Badirudi mitoek laket dutela jabegoari eta trukeei buruzko adibideak bilatzea, birtualitate guztiak ikertzea, zer den ebastea eta zer ez den. Jendarteari interesatzen zaioke gaia, hainbestetan erabiltzen baitu. “Auzoko eltzea etxekoa baino goxoagoa” delakoan edo, laminek jendeen ogia eta urina irrikatzen dituzte, nahiz eta gero laminena edo jentilena izan ogi zuriena; eta preseski ogi horixe gura dute jendeek etxerako. Auzoek elkarri gutiziatzen dizkiote ondasunak, eta ondasunak trukatzen (eskatuz, kenduz, emanez) ibiltzen dira etengabe. Emaginarekin, behingoz, jendeen eta laminen arteko harremanak ez dira gaizkindu: hasierako mesfidantzaren ondoan, auzo onak bezala aritu dira eta dena ongi amaitu da. Elkarren laguntza gailendu da guztientzat onuragarri. VI. MAIRUAK, LAMIN OHOINAK ETA ARROLAN Laminak, jentilak eta mairuak, berdin, istorio multzo bateko protagonistak izaten dira. `Mairu' edo `jentil' hitzek, biek “ez-kristau” esan nahi dute; baina `kristau'k pertsona edo jende ere esan nahi zuen tradizioan; beraz, kristau edo jende ez dena, testuinguru honetan, “izaki mitiko” da. Mairuak eta jentilak, haien izenen zentzua bezala, oso antzekoak dira, arras berdinak izan barik: gehien bat gizonak dira (baina aurreko kondairan emaztea badute), handiak, batzuetan ederrak, besteetan begi-bakar. Lamina-emazteen lagunak izaten dira biok, haien parekoak eskualde batzuetan, eta paredroak ere noiz behinka. Jentilak mendebaldean agertzen dira -Bizkaian, Gipuzkoan-, mairuak ekialdean batez ere. Kondaira anitzetan jentilak, mairuak eta laminak trukagarriak dira, batzuk besteen lekuan azaltzen dira. Arrolan heroia mairuen garailea da komunzki, baina laminena ere bai, honetan bezala. Samson Arrolanen kusia zen, bai eta haren unaia (behi-zaina) ere Donaixtiko mendietan; behi haietarik bat Arrolanen inudea zen. Egun batez, behiak alhaturik, zuhaitz baten pean etzan zen Samson, eta loak hartu zuen. Barrandan ziren laminak eta tropaka heldu behien ebastera. Atzarri zen Samson eta, behirik ez ikusirik, kolera bizian jaiki zen eta oihanean sartu. Hartzak atxeman zituen han eta, behiak zirelakoan, denak olara eraman zituen, pago bat makila gisa erabiliz. Biharamunean Arrolan heldu zen olara bere inudearen ikustera eta, haren marruma eztiaren orde, hartzen orru ikaragarriak entzuten zituen. Azti batengana joan zen behiak non ziren galdegitera, eta harek erran zion laminek zituztela eraman. Laminen ondotik joan zen Arrolan, baita atzeman ere haren behiez ase bat egiten ari zirela. Denak eho zituen, emazte zein haur. Eta geroztik ez da gehiago laminarik Pirinioetan (Cerquand, 1986: 141, laburtua). Hazkuntzaz bizi den mendiunean kokatua da kondaira hau eta maila handiko lapurretaz mintzo da: behi-alde osoaren ebasteak. Arrolanen gehiegizko mendekuak unaiak (cow-boy) eta Western-go giro bortitza oroitarazten dituzte, autoktonoen suntsiketa – Amerikan artzain izandako batek kontatua, beharbada. VII. LAMINA, BASAJAUN ETA JENTIL BAHITZAILEAK Pertsonen bahiketekin, ohointza baino gertakari larriagoetan sartuko gara. Mairuek (edo laminek) eta jentilek neskak eramaten omen dituzte, batzuetan estakuru hutsalaz. Orozko Usiko neskatila bat Leizeaga aldera joan zen ahuntzen bila, eta haitzuloan sartu ei zen. Jentilek (laminek, diote batzuek) ahurkada bat urre eman zioten, baina berriz hara ez etortzeko esan zioten. Urrea etxera eraman zuen neskak, eta etxekoek berriz joan zedila hara, beharbada urre gehiago emango ziotela. Neskak ezetz, etxekoek baietz, azkenean joan zen, eta ez zen gehiago atzera etorri. Haren bila joan ziren nebak. Jentilek esan zieten arrebak bazekiela ez zuela gehiago hara joan behar, eta ez zutela gehiago ikusiko; eta ordutik aurrera ez zela urrea faltako Usin, baino ero bat ere ez (Arana, 1996: 250, laburtua). “Zakua beteegi nahiz, leherrarazi” ote da irakaspidea? Bestalde, ohargarria da kondaira honen eta Lamina zauritua-ren egiturak berdinak direla: neskak sobera eskatu eta galdu; laminak egunero eskatu eta zauritu. Lamin-jentilen eta jendeen arteko harremanetan berriz erreprozitatera heltzeko joera igartzen da. Behorlegin basajauna da bahitzailea. Etxepareko alaba bahitu zizin basajaunak eta bere zilora eraman: ziloaren hegian ikusten zitzien biok, eguzkitan, basajauna lo zelarik burua neskaren altzoan pausaturik. Egun batez neskak bere tablierra haizturraz moztu, hartan emekiño pausatu basajaunaren burua eta ihes egin zizin. Baina basajaunak, konturatu zenean, burhoa egin ziozun: “Balinba leher eginen dun etxean sartzearekin!” Eta neska, zango bat etxe barnean zuelarik eta bestea kanpoan, hil zuzun (Cerquand, 1986: 19, laburpena). Arhantsusiko bertsioan, neska bahituak ihes egiten lortu zuen, eta basajauna haren xerka ibili zen mundu osoan, baina ez zuen kausitu eta tristuraz hil zen. Hona Altzürükükoa: Margita, Zihiga Berterretxeko alaba, artzain zen mendian. Egun batez lamina batek eraman zuen Altzürüküko Lamina Zilolat. Eskeko batek ikusi zuen lamina, neskatila bat oihuka bizkarrean zeramala, eta etxekoei erran zien. Lotsa ziren laminek eho zitzan heien zilora joaiten baziren. Lau urte egon zen Margita Lamina Ziloan eta laminengandik haur bat ukan. Jatekoa ematen ziezün ezin hobe, bereziki ogi bat elurra bezain xüri. Kartier hartan baziren “mairiak” deitzen ziren basa-gizon eli batzu, eder, handi, azkar eta aberatsak. Aste oroz mairiak eta laminak biltzen zütüzün libertitzera Mendikolandala. Halako batean Margitak etxera ihes egin zuen, haurra han utzirik. Etxean kontent, baina beldur, laminak etorriko ote ziren Margitaren xerka, eta barrukiko manjaterran gorde zuten. Etorri ziren bai, laminak, baina ez neska atxeman. Gero, Pariserat igorri zuten, eta berriz etorri ziren laminak, baina Margita jadanik Atharratzen zen (Cerquand, 1986: 19, laburpena). Zuberoako neskatilak Parisera joan ohi ziren neskame eta Margitak korronte horri jarraitu baino ez zukeen egin. Bahiketa istorio hauetan auzoen harremanetako alderdi berezi bati buruzko gogoeta ikusten ahal dugu: bortxaketak eta haien ondoriozko jaiotzeak eta ihesak, egiazki gertatuak eta ezagunak, naski. Baina esan behar da, gutitan gertatu arren, sorgin-laminek mutilak nola galtzen dituzten kontatzen duten istoriorik ere badela (Arana, 1996: 252). VIII. JENTILEN BUKAERA Orain arte aipatu kondairetan, jendeen eta izaki mitikoen harremanetan garaipenak eta derrotak aldizkatuak ikusi ditugu, batzuetan izaki mitikoek galdu dute, besteetan jendeek, eta nolabaiteko oreka izan da. Ez erabatekoa, Arrolanen istorioak erakusten baitu azkenean zein den joera nagusia, laminak suntsitzea, Pirinioetakoak bederen. Jentilen, mairuen edo laminen bukaera kontatzen duten istorioak asko dira Euskal Herrian. Larrainen, apezaren Salve Regina-k ohildu omen zuen basajauna; Eibarren bolborak eta su-armek zituzten laminak uxatu, Laudion ermitek eta errogatibek eta Arratian tranbiak. Lehen lainoa agertu zenean galdu zirela jentilak esaten da ere. Horiek guztiak urrun dira, lehen lainoa batik bat, eta geroztik ere izan da izaki mitiko horien iraupenaren berri; alabaina, galduak izan zirela esaten denean ez da gertakari historiko bat kontatzen, baizik eta tema mitiko errekurrente bat errepikatzen. Bukaera horiek, gainera, parusia iragartzen dute. Bretainian esaten zuten Saint-Malo kostako laminek mende bakunetan alde egiten zutela handik eta bikunetan berriz agertzen; horrela, XX. mende hasieran andere udatiar ederrak heldu zirenean automobil zaratatsuetan, kapelu eta zetazko zapia jantzirik, bertako xahar batzuek uste izan zuten hadak zabiltzatela eskualdean, ea lehen bezain gustuko zuten (Sébillot, 1968b: 111). Altzaiko zaldunak bolboraz beteko behi larru bat jaten emanez akabatu zuen Azalegiko herensugea: munstroa, dena sutan, itsasoraino joan zen airetik, eta han galdu zela diote bertsio gehienek (Cerquand, 1986: 94-97); baina Casenavek (1994) bertsio 'paralelo' bat aipatzen du: herensugea uretan bizkortu zela eta egun batean bere harpera itzul litekeela, lur azpitik aldi honetan. Hain esplizitua ez bada ere, horrelako zerbait igartzen ahal dugu Orozkoko jentilen kasuan. Erreka ondoko Jentil Zulon bizi ziren, baina mendi gainean ere kokatzen dituzte, Untzuetapikun. Han erdi-aroko gazteluaren hondamenak baitira, baita kanoi bola handiak, harrizkoak; kontatzen da bola horiek pilota jokoan erabiltzen zituztela jentilek, elkarri botatuz Untzuetatik beste mendi batera, Santa Marinara (Barandiaran 1960: 113). Osterantzean, neskak ere bahitzen zituzten eta horrek zituen galdu: Jentilek ikaran zeukaten Orozko osoa, neskak bahitzen baitzituzten. Behin, Olabarriko alaba Axpuru aldera joan zen ahuntzen bila eta jentilek hartu zuten, baita Jentil Zulora eroan ere, edo Untzuetako gaztelura. Eta han itxi zuten burdinazko ateak ipinita. Neskaren nebak hurbildu ziren atetara eta arrebarekin hitz egin zuten: hark esan zien halako orduan lo egongo zirela jentilak eta orduan etortzeko. Mutilak palankak eroan zituzten, ateak apurtu eta arreba atera zuten. Batzuk diote bahitzaileak gazteluko harresiaren gerizapean etzanaldia egiten ari zirenean, nebek, palankak laiak legez erabiliz, gainera bota zietela horma eta azpian utzi zituztela hilik. Horrela Orozko askatu zuten, geroztik ez baita gehiago jentilik ikusi inguru horietan. Salbatzaileei, beren ekintza ausartaren oroimenez eta ezkongabeko amaren haurrak zirelako (“abizen barikoak” beraz), Hierro-Palancos deitura eman zieten, orain Gorigitxi etxekoek daroatena. Beste batzuek diote, Olabarriko alaba haurdun zela jentilengandik, eta haren haurra “aita barikoa” zelako, berari eman ziotela Hierro-Palancos abizena (Arana, 1996: 254, moldatua). Jentilen kondaira hauek ere, aurrekoek legez, emazteen kontrako sexu bortizkeria azaltzen dute, eta aita ezezagunen haurren arazoa ere aipatzen; patronimoaren falta nola konpondu ere kezkatzen dira, kontu hori bi aldiz eta bide desberdinetik ekarria baita. Jentilek, beren gazteluan, nagusikeriak eta gehiegikeriak jasanarazi zizkieten laborariei, heroi baserritar batzuk oldartu eta garaitu zitzaien arte. Ekintzak, auzo harreman baino areago, tiranoen kontrako borrokaren itxura hartzen du, iraultza batena, nonbait. Beste mundukoek egin ohi dituzten bahiketa misteriotsuek mundu honetako agintedunek menpekoekin erabiltzen duten zapalkuntza nabaria oroitarazten dute: mitoa eta politika elkartzen dira. IX. MITOA ETA IDEOLOGIA Kontua da luzaz bizirik egon dela laminen eta jentilen sinestea, mitoen arabera aspaldian suntsituak izan arren. Orozkon jentil guztiak akabatu zituztela aldarrikatu arren, haitzuloaren barne-barnean sartu edo ihes egin zutela diote, esan nahi baita berriz etor litezkeela. “Herioa” kapituluan ikusi da Olabarriko anaiek gazteluaren hormen azpian ehortzi zituztenean, ale ereinak bezala geratu zirela eta, sinbolikoki, ernaberritzen ahal zirela. Non ez dituen beren haurrak iraunarazten, hark sortu askazi berrian. Jauntzarrak hilak direla, bai, baina beharbada ez betiko, iradokitzen dute kondairek. Ulertzekoa dena, jentilen irudia ez baita alde bat ezkorra: izaki jokariak ziren, gerla tresnak ere (kanoi-bolak) pilota gisa erabiltzen zituztenak; eta eroso bizi zirenak, lan egin gabe, etzanaldia egiten itzalpean. Zanpatzaile horiek eder, nagi eta aberatsak dira, urrezko garaiaren adierazgarri, ametsetako paradisuko biztanleak. Ez da harritzeko haien nostalgia sentitzen bada, ez baditugu erabat eta sekulako suntsitu nahi. Eta horrela baldin bada, oso arazo larria pausatzen zaigu: mitoek – sinboloek - zer eragin duten zapalkuntzaren onarpenean, noraino egiten ahal duten alienazioaren alde. Printzesa eder bat auto istripuz hil zenean, 1997an, mundua konmozionatu zela ikusi genuen, eta horretaz gogoetak egin ziren. Printze kastakoak eta aberats okituak menperatzaileetakoak izaten dira eta, dakigunez, besteen lanaren bizkar bizi dira. Hargatik, zenbat negar ez zuten pobreek egin lady hil harengatik! Morin soziologoak (Libération, 1997-IX-2) azaldu zigun mekanismoa: olinpotar modernoen goi mailako bizitzak ilusitzen gaitu, haiengan proiektatzen ditugulako geuk betetzen ahal ez ditugun nahikariak: gure aspirazioaz hazten ditugu guk, eta haiek beren bizitzaz elikatzen gaituzte. Denok sartuak gara alienazio horren sarean, hein batean bederen. Eta irudimena arlo hauta baita ideologien erro sakonen aztertzeko, galdera egiten du Augé-k (1979: 123-125), sinboloen hizkuntza ez ote den nahitaez politikoa, eta ez ote den antropologiaren helburua botere-harremanen erakustea eta harreman horien gauzatzeko baliatzen diren mekanismoen nabarmentzea. Bikoitza baita agintea, aldi berean sinbolikoa eta ideologikoa, pertsonari berari doazkion sinboloek (kosmologiak eta kosmogoniak, kasu) hauxe besterik ez diote irakasten: bakoitzak bere lekua zein den ezagut eta onar dezan. Zentzu horretan, jadanik sinboloan berean dago ideologia. Askatasuneko bidean baditugu kanpoko oztopoak, baina gainditzeko gaitzenak barnekoak dirateke, eta baliteke libertatea lortzea baino zailagoa izatea haren xerkatzea bera. Laminak bezain bikoitzak izaten ahal gara, menpekotasunaren lokarriak onartzen ditugu anitzetan, jaretasunaren ederra goraipatzen dugularik. MUSIKA ° Sarreran, Haendel-en Serse operako “Va godendo, vezzoso e bello quel ruscello, la libertà” aria, Barbara Hendricks-ek kantatua, Jean-Claude Malgoire-k zuzendu bertsioan, “La Grande Ecurie et la Chambre du Roi” taldearekin. Bertsio horren ezean, https://www.youtube.com/watch?v=7VA6S-OJ7fU ° Ur bazterreko laminei begira, Hiru Truku-en: “Orbela airez aire”. https://www.youtube.com/watch?v=KCM974iT7pI ° Mixel Bedaxagarren “Gerezitziak lilitan” kantuan ere laminak aipatzen dira. http://mp3red.cc/3317808/jean-mixel-bedaxagar-gerezitziak-lilitan.html ° Laminen emagina eta elkarren laguntza direla eta, Beatles-en, “Help!” https://www.youtube.com/watch?v=ZNahS3OHPwA ° Novecento (1900) filmeko Ennio Morricone-ren doinua, iraultzaren aipamenarekin batera. https://www.youtube.com/watch?v=hsBo3rN6Z1M ° Eta, askatasunaren eta lokarri goxoen arteko dileman bururatzeko, “Quei dolci lacci snodar non puoi, che mi legaro la libertà” hitzak, berriro Serse operako aria batean: “ Se l’idol moi rapir mi vuoi “. https://www.youtube.com/watch?v=0xYiPw4cWSg IV. kapitulua URAREN AIPAMENA HAINBAT MITOTAN5 Ura oso gai garrantzitsua baita bizidunentzat, bizirik ez baita urik gabe, berezkoa da haren inguruan sinboloak, irudiak eta gogoetak anitz izatea, bai antzina eta bai orain ere. Horren froga dira, tradizio zaharrean, uraren erabilera erritualak, bai solstizioetan (Eguberrin zein Jondone Joane bezperan), eta hain ugari diren iturri sendagarrietan. Baina ez ditugu horiek ikertuko hemen, baizik eta, heriotzari buruz egin bezala, mitoetan kontatzen zaigun ura, istorio batzuetan agertzen dena bederen. Ur horri begiratzeko, eta doi bat sailkatzeko, parametro hauek izango ditugu kontuan: * Goiko edo zeruko ura / beheko edo errekako ura * Ur naturala / ur teknikoa (ura baliatzeko bideak) * Ur sinbolikoa / ur pragmatikoa Banaketa hauek gaur egunean ere indarrean daude. Ur sinbolikoa etengabe azaltzen zaigu publizitatean, gorputzaren barrua, hesteak eta gibela garbitzeko ei duen bertutea dela-eta. Goiko eta beheko uren bereizketa nornahik ikusten du, baita aseguru konpainiek ere, adibidez 1983ko uholdeetan behekoak egiten zituen kalteak ez ordaintzeko, goikoenak baizik ez zituelakoan estaltzen polizak. I. BEHEKO UR SINBOLIKOA: LAMINAK Lurpekoak eta uretakoak dira laminak, erreka ondoan egoten direla ikusi dugu aurreko kapituluan, haitzuloa ere gertu dutela; eta asko dira haien izena daramaten ibai bazter edo iturri aldeak. Donostiritik Heletako bidean, ezkerrean, Aatzeluze eta Herausu hegien azpian den Uhaldain sortzen da Arberua, eta han, goitik behera doan lur-banda berde bati “Laminabidea” deitzen diote (Barandiaran, 1962: 85). Garazin, Laminosin izeneko erreka bada, Buzunarritzetik Bunuzera doana eta gero Biduzen sartzen dena. Lapurdin ere, Senperen, ur azpian dute egoitza laminek. Iturrietan agertzen dira Zuberoakoak (Cerquand 1986: 49 eta 53), hala nola Eskiulan, Juliana iturriko llamina eta Andrettoko iturriko llaminak deitu kondairetan; eta berdin Gotaineko honetan: Lamiosenearen nagusia, Salharang, joaiten da goiz batez bere lürraren ikustera. Soro hartan bazen ütür-begi bat. Hara üllantzearekin (hurbiltzearekin) ikusten dü andere eder bat ari zela bere biloaren leintatzen (lehuntzen); bena andere eder harek ere ikusten dü gizona ber denboran, eta galtzen zako bistatik, ürtü balitz bezala. Heltzen da (Salharang) anderea zen leküalat eta edireiten (idoroten, aurkitzen) dü ütürri kantian ürre orraze eder bat. Hartzen dü eta ekarten etxera. Biharamenean joaiten da soroala eta espantatürik da ikustez hogoita hamar mila organta harriz beterik düela soroa. Ützültzen da etxera eta lehiatzen da orrazearen bere leküan ezartzera. Hirugarren goiztirinean berriz joaiten da ohiko soroala eta edireiten dü harri bat ere gabe, lehen zen bezala. Bena orrazea ez zen han (Cerquand, 1996: 45-46, moldatua). Bizkaian ere ur bazterrean ikusten dira laminak gehien bat, orrazten edo arropa ederrak garbitzen eta eguzkitan xukatzen: urrezko orrazia eta lihozko oihal finak izaten dira haien ontasun preziatuenak. Toki, eginkizun eta objektu horien edukin sinbolikoa elkarrekin nola uztartzen diren ikusiko dugu hurrengo lerroetan. Orrazten diren laminak egunez ikusten dira. Baina badira gauezkoak, ikusi gabe entzuten direnak. Izurako Casaubon anderea oroit da nola amamak erraten zion berak entzuten zituela laminak gauaz etxeari hurbil, latsan ari zirelarik Ithurbeltzeko latsarrietan; sinesten ez zutenek pentsatzen zuten jende pobreak zirela, aldatzeko soinekorik izan ez eta, besteen aitzinean beren eskasia ez erakusteko, gauaz ikuzten zituztela arropak, biharamunean janzten ahal izateko. Baina Ithurbeltz hura ez zen arrunta: haurrek erraten zuten atso zahar bat ikusia zutela han, altzoan zeukan apo baten ferekatzen ari, eta sorgina zela. Urepelen ere entzuten zituztela gaueko latsariak diosku Barandiaranek (1973a: 426), eta Iholdiko norbaitek 1937an erran zion: “San Bladiko errekaño batean xarta, xarta, xarta, latsariak gauaz ari nihaurek entzun nitzin” (1984: 119). Euskal Herriko gaueko latsariek kalterik egiten dutela ez dut entzun. Baina uraren gaueko alderdi ilunak galbide zerbait iragarri ohi du, eta Okzitanian esplizituki irudikatu dute, drac deitzen duten izakiaren bidez. Gaskoniako drac hori gauez aritzen da latsan: Lecturatik etxera berandu zebilen gizon batek entzun zuen arropa jotzen, eta hark, haserreturik, dena lohiztaturik ezarri zuen (Sébillot, 1968 II: 424). Gaiztoago da Rhône ibaiko drac-a, ibiltariak erakartzen eta jan egiten baititu, jende haragiaz elikatzen da-eta (ibid. : 343). Bretainiako gaueko latsariak, hain arriskutsuak izan barik, ez dira batere gisakoak. Haien ondoan pasatzen direnei eskatzen diete arropa xukatzen laguntzeko: ezetz ihardesten dutenak itotzen dituzte, eta gogo txarrez laguntza ematea onartzen dutenei, haiekin arropa bihurtzen hasi eta, besoak bihurrikatzen dizkiete. II. PARTE TXARREKO ZALDIAK Ibaiek duten beste “parte txarreko” batzuk zaldi itxurakoak dira. Zeberioko emazte baten aitita medikuaren sarien biltzera abiatu zen, goizeko lauak edo bostetan, eta zaldi-hotsak entzun zituen parrokia ondoan den errotako antepara aldean; beldurtuta aitarena egin zuen eta ikusi zuen zaldi bat lauoinka, gainean gizon bat zeramala, anteparako urean sartzen zalduna eta guzti (Etxebarria, 1995: 173). Orozkon ere eman didate antzeko behorren berri, baina hangoak, uretara sartu barik, itzelezko txinpartaka eta txispa-hotsean hasten dira, zaldunak gainetik botatzen (Arana, 1996: 173). Auverniako drac-a zaldi zuri ederra da: jendeei haren gainera igoteko gomita egiten die, baita bere bizkarra luzatu ere asko igo daitezen... eta gainean dituenean lasterka abiatzen da eta denok botatzen ditu uretara, hantxe ito daitezen edo bederen nahigabeko bainua har dezaten (Sébillot, 1968 II: 356). Horrelako zaldia Malet deitzen dute Poitou herrialdean eta Bayart Ardenetan (Frantzian zein Belgikan); bere jauzi ikaragarriengatik da ezaguna, batez ere (Dontenville, 1998: 180). Gipuzkoan eta Nafarroan ez dut horrelako zaldiren berri aurkitu. Zuberotarrek Les quatre fils Aymon pastoral zaharrari esker ezagutzen dute Bayart, hura baita “Aymon-en lau semeak” bere gainean eramaten dituen zaldi bizkar luzakorra. Erdi Aroko poema epiko frantziar batetik hartua da gaia, hartan folklorea eta pertsonaia historikoak uztartuak baitira. Esan dezakegu, modu batez edo bestez, zaldi sorginaren tradizioa Zuberoan eta Bizkaian aurkitzen dela, eta Belgikaraino zabaltzen dela. III. URA ETA DENBORA Egunezko laminen inguruan azaltzen den urak, gauekoak haina arrisku ekarri gabe, badu durduzagarri zerbait. Heraklitok haren etengabeko isurtzea nabarmendu du, eta gibelera joan ezina. Irudimenarentzat gure bizitza da batez ere ihesi joaten, eta haren ibiltzea mila aldiz alderatua izan zaio ibaiari, denbora iheskorrak erremediorik gabe darama-eta heriotzara. Kurritzen den uraren ondoan egoten dira laminak orrazten ari, biloa eta ura sinbolikoki lotuak baitira: bataren kizkurrak eta bestearen uhintxoak antzekoak dira, eta adats luzea ur-jauzien metafora izaten da ( “zaldi buztan” izena ematen zaie usu). Ofeliaren irudiak, itorik eta ilea urean zabaldurik duela, adierazten du uraren hilgarritasuna, beti galbide guztien sinboloa, bere substantzian bertan daukalakoan herioa (Bachelard, 1942: 114, eta 122). Biloa, ilea eta haria pareka daitezke; buruko biloa orrazten den bezala orrazten dira artilea eta lihoa, orrazi edo txarrantxa deitzen den tresnaz; biloa apaintzea eta oihal (edo ehun) ekoiztea eginkizun baliokideak dira sinbolikoki. Hots “ehuteko eta iruteko tresnak edo beraien ekoizkinak bilakaeraren sinbolo unibertsalak dira”, Moiren eta Parken atributuak (Durand, 1969: 369). Haria bera denboraren metafora izan daiteke, jende-denborarena bereziki; hainbesteraino non batzuek uste baitute bekatu handia dela Olio Saindua hartu duen eri baten aurrean irutea, hilko bailitzateke, hil ere, lana eten edo haria hautsiko balitz (Belmont, 1984b). Esakera zenbaitek adierazten dute ideia bera: “haren bizia hari bati datxekio”, “bizitzaren harian”. Urak eta biloak, biok elkarrekin eta erredundanteak direnean, azkarki irudikatzen dute denboraren iragatea. Lamina orraztarien esanahia indartzen dute lamina latsariek, garbitzen dituzten arropek metonimiaren loturaz bideratzen dutelarik ehuntza, iruntza eta hariaren sinbologia, uraren sinbologiari gaineratu. IV. URA, ILEA ETA SUGEAK Beste modu batez ere batzen dira ura eta biloa: Euskal Herriko lau aldeetan, eta Europan oro har, esaten izan da urean erortzen diren ileak suge bilakatzen ahal direla. Gorgonaren buruak adierazten du ilearen eta sugearen lotura. Balizko suge horietatik ura garbitzeko, edan aitzin “Jesus” esan behar zela zioten antzina (Azkue, 1959: 263). Ur naturala arriskutsua den ustea oso errotua zen: Ahüzkiko artzainek zioten, bortuan zirelarik eta iturriko ura ekartzen zenean, pegarra pausatu baino lehen “Benedicamus” erran behar zela, bestela ura ez zela xahü (garbi) (E. Egunkaria, 1995-IV-18). Urdiñarbeko Pethiri Berrogainek istorio polita kontatu zigun ohidura horren gainean: Bortian mutikoek dute urka joateko lana egiten. Behin mutiko gazte batek ez zekien erran behar zuela “Benedicamus”, ekartzen zuen ura eta ez zuen deus erraiten. Eta artzainek: -Ura ez dük xahü, behar dük arra-joan, are! Eta pegarra hustu. Arra-joaiten da mutikoa, berriz jin, eta berriz ur hura ez zela xahü eta ixurtzen zioten. Gero beste artzain lagun bat hor zen, mutikoa ikusten negarrez eta: -To, zer agitzen zaik? -Eta ura eramaiten dit eta, ez dela aski xahü, ixurten ditaziet. -Bai, to! Bon... Erran düka “Benedicamus”? -Ez, ez nakizün. -Bon, bete ezak pegarra eta ezar ezak lau ardi-babaka barnen, eta gero, sartzen, erran ezak: “Benedicamus”“. Eta hala egiten du, sartzen erraiten du: -Benedicamus! A! eta. - “Gratias” - besteek erran. Gero hasi ziren han edaten: -Hau ur hona! Eta denak kontent. Nago Zuberoan ere ez ote duten sugeek kutsatzen ura. Eta berriz biloetara itzuliz: Tirolen eta Eskozian ziotenez, sorginek bere burua orraztean ateratzen dituzten ileek ekaitza ekartzen dute (Frazer 1981: 639, ikus “Emazteak II” kapitulua). Lapurdin bazen sinestea euriko urak sugeak eramaten zituela berekin itsasora (Barandiaran, 1973b: 417). Tximistak zeruko sugeak dira Amerindioen irudietan, sigi-sagaz marrazkituak, eta sigi-saga berdinak dira ibaietako uraren ikur grafikoak. Horrela zirkulu sinbolikoa hesten da: ura > biloa > sugea > euria (ura). Preseski, euria egiten duen Anbotoko Anderea ere orrazten agertzen da batzuetan (Barandiaran, 1972: 288). Harekin batera abiatuko gara errekatik zeru aldera, beheko uretik goiko urera, eta ikuspide oso pragmatikotik begiratuko diogu aldi honetan. V. GOIKO UR NATURALA ETA EKAITZA: ANDEREA Zeruko ura baikorra da, lurra emankor izan dadin beharrezkoa den aldetik; baina alde txarra ere badu, triskantza handiak egin baititzake, ekaitzak ekarri eta harri moduan botata, uztak zehatzen dituenean. Jendeen bizitzan euriak eta aro ederrak duten eragina dela eta, lehen kapituluan ikusi da mitologian ere zer garrantzia duten meteorologia gobernatzen duten dibinitate ekaitzegileek. Pertsonaia horietarik bi bakarrik aipatuko dira hemen: ekaitzeko zaldun deabruzkoa eta Anbotoko Anderea. Anderearen jatorriaz kontatzen diren istorioetako batek dio neskatila ederra zela eta beti orrazten egoten zela; amak, haserre, biraoa bota zion: “Tximistak eramango al hau!” Eta bai eraman egin zuen airean. Geroztik gelditu gabe dabilela esaten zuten, mendi batetik bestera su eta gar, ihurtzurien artean. Andere hori dagoen lekuan euria egiten duela entzun dute Zeanurin (Etxebarria, 1995: 268); harri jasak ere eragiten ditu, edo berdin idorteak, Oñatin (Barandiaran, 1961: 31), eta bere harpeko sarreran konjuratzera joaten ziren apezak urtero, errogazio garaian, kazkabar egin ez zezan. Irati Salbatoreko Saindiaren sorrerak eta eginkizunak Anbotoko Anderearenak oroitarazten dituzte. Gogora dezagun Amikuze Bithiriñako neska hura airean hartua izan zela diruagatik pario egin zuelako gauaz eta gero etxeko morroiak haren kontra ihaurti zuelako madarikazioa: “Deabruak eraman baleza bederen!” Izpiritu gaiztoak eraman zuen orduan. Baina Anbotoko Anderea bezala betiko kondenatua gelditu gabe, salbatua izan zen, Salbatore otoiztu baitzuen, eta hark entzun. Halere, ekaitzegile izateko zuen bokazioa ezagun zaio Saindiari, ematen zaion gurtzan. Edo hobeto esanda, ematen ez zaionean: bithirindarrek bi aldiz huts egin omen zuten Salbatoreko beila eta, bietan, harri-jasak suntsitu zituen herriko uztak. Aspaldi honetan galdua da amikuztarren beilaren ohitura, baina Mendiben ez dute ahantzi Saindiaren boterea, eta bertako batek hala gaztigatu zien bithirindarrei: “Orai ez zizte gehiago Salbatorera joaten eta harriak xehatiak zizte ziek Bithiriñan!”. VI. EKAITZ ZALDUNA Beste itxura antropomorfoa hartzen dute gurean ekaitzegileek, zaldun dotore batena. Pertsonaia mefistofelikoa da, deabruzko izaki dela igartzen da kondairetan, deabrua bera ez denean. Ekaitza deabruek egina den ideia Antzinako Mesopotamian aurkitzen da jadanik, eta oso zabaldua izan da Europan, kristianismoak bereganatua: Legenda Aurea-n, XIII. mendeko liburuan (1967: 353, 363), irakur daiteke Jesukristo zerura joan zenean aireko deabruek ihes egin zutela ikaratuta. Hain zuzen, aireko ekaitzegile horiek haizatzea da Asentsio aurrean egiten diren errogatiben helburu bat. Dibinitate ortzigileak deabruei asimilatuak izan dira, biok eginkizun bera dutelarik, eta horietakoa dugu gure mitologian deabruzko zalduna. Anderearen haurra da legenda batzuetan, alabaina. Gipuzkoako Beasainen diote Muruko Dama ekaitzegileak bi seme ukan zituela, bata deabruzkoa eta bestea apeza, eta elkar borrokatu zutela gero biek (Barandiaran, 1973a: 438). Apez konjuratzaileak eta deabru ekaitzegileak osatu bikotea, beti anaiena ez bada ere, toki anitzetan atzematen da, eta apezari Atsular deitzen diote Sara aldean (ikus “Ekaitzegileak” kapitulua): Gero-ren idazlearen izena eman diote konjuratzaileari, prozedura aski arrunta erabiliz, hau da, tema mitiko bat pertsonaia historiko bati eratxikiz eta harengan berraragitzen. Iruñerrian Atarrabiori jantzi zioten mitoa, hura ere pertsonaia historikoa, XIV. mendeko frantziskotar jakintsua. Eta Orozkon ere bada holakorik: Abade bat Orozkon paseoan - liburua eskuan ibilten zirean, asko - eta zaldun bat agertu ei jakon ondoan. Abadeak esan eutsen: -Zer garitza ederrak, zer uzta ederra! -Bai, uzta ederra. Baia zaldiak bere ederrak neuk horreek apurtuteko. -Neuk bere frenoak ederrak horreek paretako. Hasi zen hodeia eta harria!... Eta abadea liburuan otoitzak esaten eta bedeinkazioak. Eta paratu euan hodeia. Batzuk diote landatu barik egoen larra batean bota euala harria. Osterantzean, abadeak maiatzaren 3ko Gurutzetik irailaren 14ko Gurutzeraino, domeka guztietan meza ostean hodeia bedeinkatuten euan, eta sakristauak kanpaiak jo. Holango baten, abadea eta monagilloa Olarteko eleiz-portalean, hodeia sano etorren eta, monagilloak estoleari eutsi gura eutsen, horrelan ikusten ei zirean (hodeian zabiltzaten deabruak edo). Abadea larri, bedeinkatu eta bedeinkatu, monagilloari esaten ez itxiteko estoleari gero, ezpabere eroaten eudien (deabruek); eta izerdi botetan, ezin euan hodeia paratu: etorten ei zirean arantzazko itxituraraino umea eskatuten. Azkenean, zapata bat sakadiz eukan abadeak, hodeiari ha bota eta atzera egin euen. Gero mutikoari galdegin eutsen abade harek: -Zer ikusi dok ba? -Ene! Etorten izan diraz ahuntzak, baia adar tzarrakaz... bat etorri eta bestea joan, eta bat etorri eta bestea joan (arantzazko itxituraraino etortzen) - ikaratuta umea. -Ba gehiago kostatu jatak hodeia paratuten baino heu defenditan. Gero zapata artzainek topatu Gorbeian; orduan zapatarik inork eroan ez eta: -Hau abadearena izan behar dok. Eta abadeari eroan. Baia harek esan: -Ez, nirea ez da hori, emon egin dot eta. Eta abade horrek ez ei eutson inori gehiago estolarik emon (Arana, 1996: 306, laburtua). Tipo bereko kondaira, Sarakoa, aipatua da ekaitzegileen kapituluan, eta hirugarren bat ere, Ezterenzubikoa, azalduko da "Apezak" kapituluan. Ekaitzaren aurkako borroka mintzagai duten mito hauek ekonomiaren gaineko kezkak gogoetatzen dituzte, besteak beste: uzta ona biltzeko behar den euri goxoaren nahia eta abazuza bortitzaren edo haize suntsitzailearen beldurra. VII. URA EKARTZEKO TEKNIKA Behar materialei begiratzen diete beste kondaira batzuek, uraren hornidurak dituen arazo teknikoak azalduz, adibidez. Euskal Herrian eta Gaskonian badira euli itxurako izaki bihurriak, familiariak deituak, edo prakagorriak ( “Herioa” kapituluan azalduak), beren jabeentzat lan gaitzak egiten dituztenak. Haietaz pasadizo oso dibertigarriak kontatzen dituzte Zuberoan eta Bizkaian. Zuberoako bertsio bat azalduko da “Emazteak I” kapituluan eta hemen Bahean ura ikusiko dugu, Orozkon kontatua. Herri horretan oso ezagunak dira Axpuruko abadearen eta haren giltzariaren istorioak, etxe bakoitzak du berea, eta denetarik hartuko dut zerbait, bertsio amankomuna emateko. Axpuru etzea Untzuetako maldan dago, nahiko gora; hango abadeak familiariak eukazan jostorratzontzi baten gordeta. Giltzariak ikusten euan ugazabak, Muruetan meza emotetik etortze orduan zeozer kuxu (hartu) egiten euala leku batetik. Egun baten sorotzi egin euan abadea eta orratzontzia topatu: zabaldu euan eta dana ei zan euliak eta aparejuak; eta beharra eskatuten eutsien emakume horreri, beharra. Axpurun beti ur faltan-eta, uretan ipini eudiezan euliak emakumeak. Laster etzeko ontzi guztiak bete eutsiezan, eta atzera bere beharra eskatu, beharra gura eudiela, ausikika eta hegaka emakumearen inguruan. -Kontsolatuko dodaz -egin euan harek. Galbahe bat emon eutsien eta hartan ura ekarteko agindu, Nafarrondoko errekatik gora. Familiariek bahearen zuloak pekorotzez tapatu eta ur gehiago ekarri. Eta uriola Axpurun, urez bururaino. Giltzariaren senarra etorri eta: -Zer pasatu da hemen? -Ba, hau eta hau pasatu da... - andreak. Eta gizon horrek, euliek beharra eskatu eutsien orduan: -Topatuko deutsiet! Andreari sabelpeko ulea hartu eta hagaz katea egiteko agindu eutsien. Eta baebiltzen ule horregaz katea egiten, baia ezin. Orduan pakea egin eudien. Bitartean, abadea meza emoten egoan lekutik igarri euan Axpurun zeozer gertatu zala. Etorri zan arin eta familiariak batu eudiezan eta kutxan sartu. Eta hor bukatu zirean komediak (Arana, 1996: 322-338). “Sorgin aprendiza” baladarentzat Dukas-ek egin zuen scherzo-aren erritmo furrinta ekartzen digute gogora familiarien joan-jin xoroek. Funtsean oso istorio antzekoak dira Goetherena eta gurea, baina gaia askozaz zaharragoa da, jadanik Samosatako Luziano idazle helenistikoak idatzi zuen hartaz kontu bat, “Gezurzaleak edo sinesgogorra” elkarrizketan. VIII. URA GAINDITZEKO TEKNIKA Ur-eskasiarako irtenbideak amesten dituzte familiarien mitoek, eta ametsa mikazten da, gaitza baino okerragoa baita erremedioa, uholdea. Ur-eskasiak bezainbeste arazo eragiten du ur gehiegiak, eta horretaz ere badira mitoak. Laminek edo deabruek nola egin zuten zubia esaten digute Ligiko Zubia, Arrosako zubia (ikus "Emazteak I" kapitulua) eta antzekoak. Hona Kastrejanako zubia Orozkon kontatua. : Neska batek, esne saltzeko, itzuli handia ibili behar euan erreka igoten zanean. Eta halango baten esan euala: -Egongo balira behintzat deabruren batzuk zubia egiteko hemen, batetik bestera pasetako! Aktoan agertu deabruak, eta baietz zubia egin eguna argitu baino lehen, neskatoaren arimagaitio. Hasi ziren beharrean, harriak menditik hartu eta hara, ariniketan; eta bazan deabru herren bat, harek besteak baino harri txikerragoak eroan. Neskatoa larri, abadeakana, fraileakana... Ja, gitxi falta zan zubia bukatuteko, eta fraileren batek esan ei euan: -Ba, hemen kantarazo behar jake oilarrairi. Eta batu ei eudiezan oilar baltza, oilar gorria eta oilar zuria; gero liburuakaz “pla-pla-pla” txaloak egin, kukurruku baino lehen oiloak egiten dauen letxe; eta hori entzun orduan oilarrak kantatu. - ¿Qué gallo canta? -deabruek. - Gallo blanco -jendeek. - Cal y canto -deabruek, eta segi lanean. Gero gorriaren txanda. Eta berdin, jo aurrera. Azkenean: - ¿Qué gallo canta? - Gallo negro. - ¡Todos los demonios al infierno! Eta ezin akabatu zubia, harri bat falta. Eta gero euren artean haserretu deabruak, erru guztia herrenarena zala, haren harria falta izan zela eta, hareri palo gero (Arana, 1996: 362-370, laburtua). Familiariak eta deabru zubigileak antzekoak dira beren joerengatik, eta hori oso nabaria da Orozkon: berriemaile berak kontaturiko bien istoriotako protagonistek modu berdinean inbokatzen dituzte prakagorri ur-ekarleak eta deabru eraikitzaileak (Arana, 1996: 329, 365, 893). Istorioak berak alderantzizkoak dira: lehenetan ur eskasia da arazoa, eta oker irteera ur gehiegizkoa; bigarrenetan, ur gehiegik dakarren oztopoa gainditzeko, zubigintzaren teknika bilatzen eta aurkitzen ere da. Bietan izaki mitikoek dakarte konponbidea, txarra edo ona; eta bietan maltzurkeria erabiltzen dute jendeek izaki horietaz baliatzeko. Baina desberdinak dira ondorioak: deabruak erraz engainatzen dira eta, azkenean, dohainik eraikiko dute zubia; zailagoa da familiarien mainei garaitzea, emakume maltzurra baino maltzurragoak dira, bahean ura ekartzen jakin dute, beren nagusigoa erakutsi. IX. ANIZTASUNA Bahean ura eta Deabruaren zubia kondairetan uraren alderdi bakar batean jarri dugu arreta. Baina, beste alderdiez gogoetak egin litezke berdin, mito guztietan bezala, nondik eta nola begiratzen diegun. Eta bi istorio hauetan ezinezkoa da Faust ez gogoratzea. Pertsonaia horren eite zerbait badute familiardunek: hark letxe, kario ordaintzen dituzte demonio langileen zerbitzuak, ezin hilez edo infernura joanez, prakagorriek ez baitute inor barkatzen, eta ez dira deabru ergelak. Faust-ekin zerikusia dute zubiaren truke deabruari arima saltzen diotenek, nahiz eta bi tipoen artean desberdintasun handiak badiren. Zubia barik, boterea eta plazera eskaintzen ditu txerrenak Marlowe-ren eta Goethe-ren bertsio literario ezkorretan. Askoz baikorragoak dira kristau tradizioko kondairak: XIII. mendeko Teofiloren mirakulu-aren bi aleetan, Rutebeuf-ek eta Berceok idatzirik, nola Legenda Aurea-koan, Andere Dona Mariak deusezten du deabruarekiko ituna. Eta are optimistagoa da hemen aipatu dugun tradizio herrikoia: Ama Birgina orde oilarra da salbatzailea, apez edo emazte erne baten aholkuari esker. Herri mitologiako deabrua ez da biziki beldurgarria eta bai aski irringarria, kasik pena ematekoa. Nago barreak ez ote duen funtzio garrantzitsu bat bete izan: Elizak eten gabe sakatzen zuen infernuaren beldurra goxatu bide du, larritasuna erlatibizatuz. Mitologia herrikoiak arimaren salbazioaren ardura eta infernuaren beldurra horrela erabili izanak kristianismoaren eta paganismoaren arteko sinkretismoari begiratzera eramaten gaitu, nola biak uztarturik ibili diren luzez eta, bereziki, nola paganismoak bere printzipioei atxikirik iraun duen: beste erligioari elementuak eta pertsonaiak mailegatzearren, haietan moldaketak egin ditu bere eskema propioetan sarrarazteko. Uraren sinbologiatik urruntzen gara, baina maileguen erabilpen antzekoa nabari dugu gorago, Ama Birgina lamina itxuran aurkitu dugunean ur bazterrean. Bidenabar, mitoen ikerbide eta esanahi kasik ahituezinez ohartzen ahal gara, urari bakarrik begiraturik haiengana hurbiltzeko bideak eta irizpideak jadanik anitz direlarik. Funtzio sinbolikoaren arloan, arazo existentzialentzako formulazioa eskaintzen dute. Eta hori egiteko, elkarren osagarri diren elementuak edo aurkakoen bikoteak erabiltzen dituztenean, gauzak eta ideiak sailkatzen laguntzen dute, baita kontzeptuekin jokatzeko parada ematen ere. Ura, bere aldetik, era anitzetan ageri zaigu, bizigarri eta hilgarri, garbi eta zikin, zeruko eta lurreko... Iturri guztietatik atera izanagatik, ez ditugu latsak agortuko, jadanik poeta-kantariek proposatzen digute-eta beste alderdi bat, gogoetan jarraitzen ahal izateko: “Urak dakarrena urak daroa”. MUSIKA ° Benito Lertxundik Orbaizetako arma-ola-ri egin doinuaren erreka-hotsak ur naturala eta haren erabilpen teknikoa gogoraraziko dizkigu. https://www.youtube.com/watch?v=GVOGfNKqPLc ° The Araucanians of Chile (Playa Sound, Sunset France, 1995) diskoko “Amulem” abestia, laminen kari (soinua ez da sarean aurkitu). ° Zuberoako pastoraletako “Turkoen martxa”, Bayart zaldi sorginarekin batera. ° Ekaitzaren haserrea eta harria irudikatzeko, Shostakovitch-en bibolin bigarren kontzertuko III. mugimenduko bukaera (adagio-allegro) https://www.youtube.com/watch?v=RD0ORIm6bGw (20:08 ? minututik eta bereziki 20ra arte) ° Abadea eta hodei zalduna lehian: Shostakovitch, txelorako bigarren kontzertuko III. mugimendua (allegretto). https://www.youtube.com/watch?v=oEU5y_Qjvpw (bereziki 28. minututik landa, hodeia erretiratu arte) ° Dukas-en “Sorgin aprendiza” scherzo-a, ur ekartzeko familiarien harat-honatak. https://www.youtube.com/watch?v=mdHAkNgUAho ° Bururatzeko, Benito Lertxundik kantatua “Urak dakarrena, urak daroa”. https://www.youtube.com/watch?v=cteADkQt8QY V. kapitulua EMAZTEAK EUSKAL MITOLOGIAN - I6 Mundu honetako bikoteak Martxoaren 8an ospatzen dugu orain emazteen eguna. Nafarroako tradizioan, Baztanen eta Erronkarin, otsailean izaten zen, Igande-inaute aitzineko bigarren osteguna edo “sexuagesima”koa, eta Emakunde deitzen zioten. Emakunde aurreko osteguna, “septuagesima”koa, Gizakunde zen, gizonena. Eta ostekoa Orokunde, denen eguna, Ostegun Gizena edo “quinquagesima”koa (Azkue 1959: 54 eta Caro Baroja 1965: 383). Beste leku askotan ere Inauteriko giroan kokatua da emakumeen besta, bereziki Agata Deunaren egunean: Frantziako eta Espainiako hainbat herritan bereziki ospatzen zuten eguna emazteek, haietarik bat auzapez hautatzen zuten eta batzuetan gizonak gomitatuz, besteetan baztertuz (Varagnac 1948: 87; Caro Baroja 1965: 371-375). Inauteko giro trufarian onartu du tradizioak emazteen agindua, dena iruntzitara egiten denean, mundua hankaz gora jartzen denean. Osterantzean, ez! Irun-Hondarribiko tradizionalistek, nahitara edo nahi gabe, argudioa baliatu dute esanez beren alardea ez dela Aratuzte, ez dituztela hartan emakumeak gizon-jantzita ikusi nahi, eta horren aitzakian ukatzen diete bestan parte hartzeko eskubidea. Molde erasotzaile harrigarria hartu duen sexismo horrek bazterrak harrotu ditu eta laster kopletan azaldu da: Dut taldeak, Fermin Muguruza kantari duela, Bidasoa Fundamentalista abestia egin du, eta artistek eman diote fenomenoari merezi duen kalifikatiboa. Jakina bada ere, gogora dezagun alarde tradizionalistako emazte bakarrak kantinerak direla, bana batailoi bakoitzeko, eta gizonek dutela fusila eskuan desfilatzeko monopolioa. Bizkitartean, egiazko bizitzan, emazteek parte hartzen dute indar armatuetan, ertzaintzan, adibidez, eta, dakigunez, inor ez da horregatik asaldatu. Legeak ez die inongo arlorik edo aktibitaterik debekatzen eta, hemen aginte publiko duten erakundeetan, Eliza Katolikoa soilik ausartzen da berdintasun teorikoa arbuiatzen, emazteei apezgoa debekatzen eta anglikanoek onartzen dutenean haien kontrako anatemak ihaurtikitzen. Zergatik uko egin behar dio Aita Santuak justiziaren oinarrizko printzipio bati? Zergatik jende batzuek ezin dute alardean jasan eguneroko bizitzan onartua dena? Besteak beste, honengatik dateke: jaiak, erligioak bezala, edukin sinboliko handia dauka, eta sinbolo mailako aldakuntzak bizitzakoak baino zailagoak dira, sakonki kukutuak daudelako gure subkontzientean, eta iritzi kontzienteak baino kontrolagaitzagoak direlako, arrazoitzeko neketsuak. Preseski, mitologia ere sinboloek osatzen baitute, hartan emazteek zer diren aztertzean ikusten ahal dugu zer leku duten gure tradizioko irudimenean. Horren bidez hobeki igartzen ahalko dugu non diren gure kulturako eta jendarteko oztopoak, zergatik hain gogor irauten duten. Jende anitz ez da ados izanen hemen esango ditudanekin. Aspaldi honetan eskuin eta ezker entzuten da euskal mitologian euskaldunen behialako “matriarkalismo”aren aztarnak agertzen direla - ez bakarrik mitologian, zuzenbidean eta beste arloetan ere berdin. Esan izan da gure panteoneko dibinitate nagusia Anderea izanik eta lamina femininoak ere ugari, argi adierazia dela emazteek jendarte tradizionalean aginte handia izan dutela. Ez dut uste horrela denik. Gaia zabala baita, bi ardatzetan garatuko ditut argudioak eta bi ataletan azalduko. Hurrengo kapituluan begiratuko dugu nola dibinitate femininoen izaerak baldintza dezakeen lur gaineko emazteena, ea mundu honetakoen egoera beste mundukoen isla denez. Kapitulu honetan, berriz, gure mitologiako kondairetan agertzen diren emazteei so egingo diegu, zelan ikusiak diren eta zer status duten, mende honetako aurrerakoiek errebindikatzen duten berdintasuna erdietsi dutenez, bizitzako edozein arlotan. I. DEABRUA BAINO AZKARRAGO Ok Korral taldeak abesten eta amesten zituen “Baserriko neskatilak” oso ausartak ziren amodioan, “berotasun asko daukate gorputzean”, “beti eskatzen” ibiltzen dira eta “baso barrura sartzen dira, basajaun baten bila”. Etsigarri agertzeko arriskuan, esango dut mitoetan alderantziz gertatzen direla gauzak, hau da, betiko moduan: basajaunek eta jentilek dituztela neskatilak bahitzen eta eramaten; neskatilek, aldiz, lehen parada baliatzen dute maitale kartsu horiengandik ihes egiteko (Cerquand, 1986: 17-22; Arana 1996: 256-264). Hargatik, oraingo neska kantariek asmatu inbertsioa, egundaino entzun gabea, ez da gutiago gogoangarria. Amodio kontuetatik landa, emazteek duten maila neurtzeko gizonek dutenarekin alderatu behar dugu, bereziki gizonekin osatzen dituzten bikoteetan: bietarik zein den adimentsua eta zein xoxoa, zein den nagusia eta zein sehia, zein menperatzailea eta zein menperatua. Istorio zerrenda bat hartuko dugu lagin gisa eta zintzoki egiten saiatuko, norberaren hipotesiaren alde daudenak bakarrik ez aukeratzeko, ororen adierazgarri direnak baizik. Nire hipotesiaren kontra doa, hain zuzen, lehen istorioa, Deabruaren alaba deitua. Biziki luzea da (ikus Barandiaran 1962: 17 eta Arratibel 1995: 88 eta 59) eta oso laburtua azalduko dut. Protagonista deabruaren etxera joan da mutil, eta nagusi horren agindu gauzatu-ezinak bete behar ditu bere burua salbatzeko; zorionez, deabruaren alaba maitemindu da mutilarekin, betebeharretan lagundu du eta harekin ezkondu; deabru-ogroa erasoan joan zaie atzetik, biok hil nahiz, baina gazteek ihes egiten lortzen dute, anderearen magiari esker. Kondaira honetako neska izugarri ahaltsua da, aita bera baino azkarragoa, eta ezkontzea ere haren ekimena da. Baina senarrarekin batera ari baita aitaren kontra, ez da argi bikote adierazkorra aita-alabak diren ala senar-emazteak. Bigarren kondairak hobeto erakusten ditu emazte baten adimena eta trebezia senarra salbatzeko deabrutik. Baxenabarreko Donostirin kontatu zioten Barandiarani: Arotz bat bazen ezin bizia. Deabruak erran omen zion hark eginen zazkola lan guziak zortzi egunez, nahi bazien arima hari eman. Baietz, hitz eman omen zakon. Eta gero, denbora joatearekin, gizona triste, deabruak hark eman lan guziak egiten zazkolako. Emazteari kondatu zakon dena, eta harek pentsatu zuen haren doia: ile-ondo bat burutik idoki eta deabruari emateko, hura xuxen zezan. Deabruak ezin ile hori xuxen, eta suan sartu; ilea erre eta deabruak ezin lana burura. Eta gizonak arima beretako (Barandiaran, 1962: 101). Delako ile-ondoa burukoa ote zen ala sabelpekoa galdegiteko arrazoiak badira; tipo bereko kondairetan sabelpekoa izaten da (ikus Bahean ura, “Ura” kapituluan), hori delako beti kizkurra, ez burukoa: hots, kizkur gabe ez da zuzentzerik, eta zuzentze gabe ez da istoriorik. Menturaz kontalariak aldatu zuen xehetasuna, sexu-airea ezabatzeko Barandiaran apezaren aurrean; baina hain zuzen horrek egiten du esangarri pasadizoa, ideia topikoa baita sexu femininoa bihurria dela, deabrua bera baino bihurriago - eta hortaz, emaztea azkarrago eta deabruzkoago. Oso antzekoa da Deabruaren adina istorioa: Deabruak aberastu zuen gizon batek haren adina igarri behar zuen bere arima salbatzeko. Zer egin zuen emazteak? Biluztu eta barrika bat eztitan sartu zen, eta hartarik landa barrika bat lumetan; horrela jantzirik jarri zen ateka batean, bi zangoz goiti. Deabrua etorri eta ozenki egin zuen: -Honenbeste urte baditiat eta ez diat sekula holakorik ikusi! Emazteak senarrari salatu eta senarrak deabruari bere adina erran. Gizona aberats eta salbu izan zen (Barandiaran, 1962: 101, Webster, 1993 II: 101, moldatuak). Zerrenda berean sartzen ahal dugu Deabruaren zubia kondaira. “Ura” kapituluan ageri den bertsioan, fraile batek esan zion neskari deabrua nola engainatu eta garaitu, tipo bereko gehienetan gertatzen den legez. Arrosakoan, aldiz, emazteak asmatu zuen irtenbide salbatzailea. Arrosan zubi bat egin behar zizun hargin nagusi batek. Kontratua egin zuen halako egunean finituko zuela, finitzen ez bazuen hainbertze diru eman behar zuelarik. Ez zizun hargin lagunik edireiten ahal eta hondar eguna heldu zenean triste zagon gizona. Deabrua agertu zakon: -Zer duk horren ilun izaiteko? Erran zakon harginak zer zuen, eta deabruak: -Arima saldu nahi badidak gaur finituko diat zubi hori oilarrak kukurruku egin aitzin. Harginak baietz, bere odolarekin sinatu zuen kontratua. Gaua heldu zen eta hiru deabru lanean hasi, elgarri harriak ematen eta erraten: -To Gillen! Indak Gillen! Hartzak Gillen! Jendeek ikusten zituzten sekulako harriak ekartzen menditik, eta zubia aitzina zoan. Hargina inoiz baino tristeago, deabruak arima eramango ziola. Emazteak ikusi eta, jakin zuenean zer zuen, ideia bat etorri zitzaion burura. Oilategira joan zen eskuan argi bat zuela. Oilarrak argia ikusi eta eguzkia zelakoan jauzi batez jeikitzen da, beranta duen beldur: KUKURRUKU!! ! Ordu berean deabruak zubiaren azken harria altxatzen ari ziren, bena kukurrua entzun eta: -Adio gure pagamentia! - oihu egin zuten. Eta herots handi batekin ihesi joan ziren, azken harria urera ihaurtiki eta. Geroztik nehork ezin izan du harri hori jarri ahal izan, eta Arrosako zubiak orain ere badu harri bat ments (Azkue 1966: 377 eta Cerquand 1996: 31, moldatua). II. EMAZTE EZ-DEUSAK ETA BIKTIMAK Familiariak edo prakagorriak askotan azaltzen dira lan honetan, “Herioa”, “Ura” eta “Apezak” kapituluetan. Gogoratuko dugu izaki tiki horiek jostorratzontzian atxikitzen direla eta, askatzen direnean, lan harrigarriak egiten dizkiotela beren jabeari; baina lanik ematen ez bazaie eta askatu dituenak ez badaki nola ontzira atzera bildu, ez dutela bakerik ematen. Orozkoko kondaira gehienetan gizonek dituzte kontrolatzen eta emazteek jasaten. Zuberokoetan emaztea erneago da, bederen Eskiulako Mendiondoko euliak deitu bertsioan: Mendiondon bazüzün (zen) etxeko jaun bat, ahuer handi bat, eta halere hanko lanak lehenetarik eginik zütüzün beti. Igante goiz batez, meza denboran haren alor bateko ogiak oro ebakirik ziren. Denak estonaturik zütüzün, emaztea ere mesfido ziozün Mendiondori. Igante batez elizalat joaten zelarik, emazteak ikusi zizün borosta batetan zerbait gorde ziela: hartu zizün eta estutx bat züzün; zabaltzen dizü eta hantik hamar bat illi jalkiten ziotzü, galtatzen: -Zer egin, zer egin, zer egin? -Ber xilotik sar! Eta sartu ziren. Senarrari erran ziozün eta harek aitortu illi hurak zirela hanko lanen egileak. Hantik aitzina emazteak ere zernahi lan emanik, berahala oro egiten zietzün. Egun batez tormentatzen zizien, beti: -Lan, lan, lan? Eman ziezün bahe bat eta erran: -Zoazte, sotoko barrika hori bete ezazie eiherako nazatik uraren ekartez untzi (bahe) huntan: karreatuko düzie etxapeko soroan gora. Mement baten bürükoz lan hura eginik, han zituzün berriz: -Lan, lan, lan. Erran ziozün bere senarrari illi horietaz behar zirela desjabetü. Senarrak: -Bai, baina behar dizie gaje (sari) bedera. -Hamar antzara etxegaraian baitira, hurak emetzü. Ber denboran antzara hurak airatü zütützün hodeietara bürüz, eta Mendiondoko illiak ez haboro agertü (Cerquand, 1986: 27, laburtua). Aldi batean bakarrik entzun dut emazteak prakagorriak kontrolatzen jakin zuela. Osterantzean berriemaile batzuek, gizonek, ohartarazten dute emazteak mirakusiak eta kuxkuxeroak direla; eta, eragiten dituzten txandrioak konpontzeko ezgauzak izanki, nabarmen da gizonen beharra dutela. Familiariek ekartzen duten akats larriena ezin-hila dela badakigu (ikus “Herioa” kapitulua), haien lanei esker ongi bizi ondoan, hiltzeko unean hil ezin paratzen da jabea, zernahi pairatzen, eta ez du beste erremediorik familiarietaz gabetzea baizik, beste norbaiti emanez. Komunzki baheari ematen zaizkio, edo abere bati, edo pertsona bati; orduan hartzailea airean abiatzen da familiariek eramana eta inork ez du gehiago ikusten. Orozkon bazen artzain familiardun bat, lasterkari paregabea; bere burua gaixo eta txarto ikusi zuenean, jakin zuen zelan prakagorriez libratu eta kortako ahuntzari eman ei zizkion, jostorratzontzia arranean sartuz (hala esan zuen lehenik berriemaileak), edo ipurdian (berriz kontatu zuenean); nolanahi ere, berehala airatu zen aberea, eta haren txilina aditzen zuten gero zeruan, baina ez zuten ikusten (Arana 1996: 348, moldatua). Jakina da ahuntza eta emaztea parekatuak direla gure inguruko kulturetan, esamolde askotan agertzen denez (ibid: 868); Oztibarren (Baxenabarre) “Ahuntza ez da abere, emaztea ez da jende” erraten zuten (Videgain, 1989: 281). Bada, familiariak pertsona bati ematen zaizkionean, pertsona hori emazte izaten da. Orozkon beti, beste familiar hartzaile bat izan omen zen: Zeberioko neskatxa bat, Jakoa, Bilbon neskame egon zan; haren aita txarto paratu zan eta hil ezinean, prakagorriak eukazalako; etxekoek bere baekiten zeozer eukala gizonak. Alaba etorri zan Bilbotik eta aitak galdetu eutsen ea onartuko euan berak eukan kutxatxoa -familiariena. Alabak baietz. Gizona berehala hil zan. Eta neskatxa egundaino ez zan paretan inon bere ez, beti ibilten zan airan: hara airan eta hona airan, karraka (Arana, 1996: 356, laburtua). Berdintsu gertatu zitzaion Anbotoko Anderea bilakatuko zen neskatxari. Andere hori mendi batetik bestera ibiltzen zen, beti airean; eta familiariak izan zirela kausa zioen aurreko bi kondairak esan zituen orozkoar berak. Anbotoko Señorea, neskatilla zala, neskazaharren bategaz egon zan neskame. Ugazabandre horrek familiariak eukezan, Axpururo Axpean hartuta, eta hil orduan emon eutsiezan neskameari; harek kutxa hartu eta: -Eskerrik asko. Eta bai, beti ibiliko zara airan -esan eutsen neskazaharrak neskameari-, beti ibiliko zara airan, garra darizula. Hargatik kondenatu zan neskatxa eta holantxe ibili zan: Anboton egiten euezan zazpi urte eta beste hainbeste Gorbeiako Atxean, Supelegorren (Arana, 1996: 291, laburtua). Azken bi kondairetan, familiarien hartzaile eta biktimak neskameak eta alabak dira; aldiz haiengandik abantaila atera eta kontrolatzen dituztenak, aita edo ugazabandrea. Ikusia dugu nagusi jaunek edo senarrek baliatzen ahal zituztela gehien bat, neskameek edo emazteek ez dakitelako erabiltze eta berriz atzera biltzen. Maila batean – goikoan – dira senarrak eta nagusiak; beste batean – behekoan – sehiak eta emazteak; ez dugu aurkitu morroia baino gehiago den emazte nagusirik. Nagusigoa gizatasunean7 datzan ustea etengabe sakatzen digute, modu batez edo bestez; esaterako, norbait ohoratu nahi denean “Agur jaunak” abesten diegu errespetu eta goresmena adierazteko, nahiz eta omenduen artean andereak ere izan; batzuek zutiarazi ere egiten gaituzte, jaunkotasuna kartsukiago mirest dezagun. Ez genuke jarririk egon behar emazteek horrelakoetan? III. AHAIDE NAGUSIEN LARDERIA Beti Anbotoko Anderearen sorrerari buruzko kondairetan, hauteman daiteke gizona izatea baldintza nahikoa dela emaztea baino gehiago izateko. Ondoren azalduko diren bikoteetako kide bat Anderea da; eta bestea, hura kondenatzen duen ahaidea. Hona bertsio anitzetan oinarritu laburpena (ikus Barandiaran, 1973a: 400-405; Azkue, 1959: 367 eta 1966: 437; Etxebarria, 1991: 390; Arana, 1996: 792). Esaten dute neskatila ederra zela Anbotoko Anderea, bilo horia, eta beti orrazten egoten zela. Horretaz haserretu zitzaion ama eta madarikazioa bota zion: “Ximistak eramango al hau!” Berehala airatu zela su eta gar, ihurtzirietan. Beste batzuek diote emazte ezkondua izan zela Andere hori, eta ez zuela inondik ere elizara joan gura. Egun batez senarrak gurdian sarrarazi zuen estutua eta elizaraino eraman zuen bortxaz; baina elizako atetara heldu eta barrura sartu barik, dena sutan jarri zen, estekak erre zituen eta airean abiatu zen. Geroztik hor dabilela garretan, mendi batetik bestera bueltaka. Bertsio honen aldaera batek dio eliza maite ez zuen andere horrek neba bat zuela apez, eta hark zuela elizara eroan. Familiarien kondenari eta Anderearen sorrerari buruzko kondairetako bikotekideak elkarrekin alderatuta, hara zertan diren harremanen korrelazioak: aita/alaba = ugazanderea/neskatoa = ama/alaba = senar/emaztea = neba/arreba. Kondenatua beti emaztea da, eta kondenatzailea nagusia, gurasoa edo gizona. Merezi du mailakatze hori haztatzea. Normala da aita nagusi izatea alabaren eretzean, eta ama alabaren eretzean: genealogiaren araberako logika da, gurasoak eta haurrak ez baitira berdinak, haien arteko harremana bertikala da. Normala da ugazabandrea nagusi izatea neskamearen eretzean: mailaketa sozio-ekonomikoaren araberako logikan, harreman bertikala da nagusien eta sehien artekoa (instituzioa zuzena edo okerra den kontuan hartu gabe). Baina ez da normala senarra nagusia izatea emaztearen eretzean, ez eta neba arrebaren eretzean ere; horien arteko harremana ez baita bertikala, horizontala baizik, bai genealogiaren arabera (belaunaldi berekoak) bai eta maila sozio-ekonomikoaren arabera. Senarra eta neba nagusi izateko arrazoi bakarra sexua da, agintea eta maskulinitatea konkomitanteak dira. Gizonen gailentzeak emazteen ukatze eta izate-eza eragiten du usu. Zenbat aldiz ez dugun entzun ekitaldi publiko batean hizlariak toka egiten, entzule femininorik ez balitz bezala... Oso nabari da fenomeno hori borroka kantuetan, Labegueriek, Monzonek edo bestek eginak: “Euskal semea da gure anaia” (Euskadiko gaztedi berria), “Euskal Herria diagu zain (...) gauden denok anai” (Batasuna), “Kantazak euskalduna, kantazak hire herria”, “Guztiok gara euskaldun, guztiok anaiak gara” (Bagare), etabar. Anaitasuna dekretatua da denen onurako, berdin inoren anaia izan ez daitezkeen ahizpa edo arrebentzat ere; bitartean `haurride' edo `senide' hitz zahar jatorrak galdu ditu euskarak gaurkotua eta berriztatua izan arau; itxura, orok onartua da auzo frantziarrek aldarrikatu duten fraternité-ari esker egin duela aurrera Historiak. IV. ARMAK ETA BIZARRAK Gizonenak dira historia eta borroka, eta gizonen atributua borrokako armak, nagusigoaren eragile eta sinbolo. Gure tradizioan hala dela igartzen da Lamina zauritua istorioan, jadanik agertua zaiguna “Auzo harremanak” kapituluan. Aldi honetan Orozkoko bertsioren laburpena ikusiko dugu. Emakumeak iruten edo galtzeta egiten geratzen ziren gauaz supazter ondoan, gizonak oheratuta. Lan egin eta beren txirimartxoa egiten zuten, txitxiburruntzi jaten, dena gizonen isilean. Lamina etortzen zitzaien tximiniatik txitxiburruntzi eske, eta emakumeek ematen zioten bakeagatik. Baina gauero gauza bera zen: laminek jana eramaten eta besteek jai zeukaten. Azkenean aspertu ziren eta etxeko gizonari salatu zioten. Eta hark, berak arteztuko zuela lamina hori! Biharamunean emakume jantzi eta iruten jarri zen. Lamina etorri zen eta zeozer igarri zuen: -Bardatik hona bizarra latzitu zain! Eman txitxiburruntzi! Gizonak burruntzia suan eman zuen eta goritua zuenean laminari sartu zion, ahotik diote Orozkon, uzkitik Zuberoako istorio zenbaitetan. Eta ez zuten gehiago laminarik izan etxean (Arana 1996: 223-232). Bertsio batzuetan, lehen aberastu bazen etxe hura, peko erreka jo zuen laminek zapuztu ondoan (Webster, 1993 I: 47). Arnaudin-ek 1877an Gaskoniako Landetan bildu beste batean (1966, 40 zb), etxekanderearen laguna zen lamina eta gizona ohean zegoenean etortzen zen; emazteak arto eta koipe ematen zion gomitari, berak iruten zuen bitartean, eta etxe hura gero eta aberatsago egin zen, laminak oso ahaltsuak ziren eta. Baina senarrak bisiten berri ukan zuen eta ez zitzaion laket; bera gelditu zela iruten erabaki zuen, emaztea ados ez izan arren - emazteak ez baitira beti gizonei aurre egiten ausartzen; lamina etorri zenean, bizarrari ohartu zitzaion, baita gaizki iruteko moduari ere, baina koipea eskatu zion halere, eta kolpatzea izan zen gizonaren erantzuna; jende haiek inoiz baino pobreago bilakatu ziren eta ez zuten gehiago lamina ikusi. Emazteak eskaturik edo ez, gizonak dira bertsio gehienetan laminen zaurtzaileak. Bakarrik bi bertsiotan irakurri dut emazteak gerrena hartu eta berak zauritu zuela janaria kentzen zion sorgina edo lamina: bat Barandiaranek (1973a: 493) bildu zuen Eskoriatzan, bestea Gamindek (1997) Elantxoben. Gaineratikoetan, gizonaren esku uzten du emazteak armaren erabiltzea, nahiz eta berak ere egiten ahal zuen, emazteen eginkizuna arma erabiltzea ez delakoan edo. Hainbesteraino nabarmentzen da armaren gizatasuna non laminak, zauritua izan zenean, esan baitzuen: “Gizona bizarra laztsu!”, horrela parekatuz burruntziaren erredura eta bizarraren zizta. Horrez gain, laminaren zauria esplizituki sexuala da askotan eta Zuberoako bertsio idatzietan uzkia azaltzen bada, ahozkoetan alua ere esaten dela aditu izan dut. Eraso falikoa, dudarik gabe; familiariak falikoki erabiliak diren bezala, izaki eme eta sinbolo feminino baten kontra. Armak eta sexua bereiztuz, gerla arbuiatu eta amodioa aukeratzen duten gizonak gutietsiak izan dira gure kulturan, kasu onenean molde anbiguoz. Le nozze di Figaro operan, amodioa hautatu duen Cherubino borrokara bidali dute, eta Figarok barre egiten dio, “Non più andrai farfallone amoroso” martxa ospetsuan, Narcisetto Adoncino deituz; beharrik, vittoria eta gloria militar trufan erabiliz, sinbolo sakratuak ere doi bat inarrosten ditu. V. SORGINKERIAREN ANTIDOTOA Laminak basotik etxeetara etortzen dira emazteekin jatera, tximiniatik sartuta. Ordaritzan, basora joaten dira emazteak, laminen akelarreetan dantzatzera, tximiniatik etxetik jalgirik (ikus “Auzo harremanak” kapitulua). Horrelako bidaia dibertigarriak anitz bertsiotan kontatzen dira Euskal Herriko herrialde guztietan, Santa Garazitik Orozkoraino (Cerquand, 1986: 133-349; Barbier, 1931: 141; Azkue, 1959: 295, 332 eta 381-382, 389; Barandiaran, 1984b: 73-95). Hona Orozkoko bertsioan oinarritua den bilduma: Etxe bateko mutila, gau batez zizailuan etzanik erdi lo zelarik, etxekanderea sartu zen, sukaldeko harri lauza bat altzatu, azpian gorderik zegoen kutxatxu batetik unturia hartu eta gorputz guztia hartaz igurtzi zuen. Mutila isilik. Andereak esan: - Laino guztien azpitik eta berro guztien gainetik, oren bat harata beste bat honata. Eta tximiniatik gora joan zen, akelarrera buruz. Mutilak ere joan nahi eta berdin egin du, baina alderantziz esan: - Laino guztien gainetik eta berro guztien azpitik atsoaren gibeletik. Eta gora eta behera doa gaixoa, lainoa zen lekutik gora, sasia zen lekutik haren azpian: dena eratzita, urraturik, heldu zen akelarrera. Han baziren sorginak dantza eta dantza buruzagi baten (akerraren?) inguruan, eta hantxe zen etxekanderea ere. Gero buruzagi hori hondorik gabeko aulki batean jarri zen, eta sorgin guztiak pasatzen ziren azpitik, ipurdian muin emateko hari. Gure mutilaren aldia heldu zenean - zapataria zen eta eztena zeraman aldean - muin eman orde eztenaz ziztatu zuen ipurdian. Eta besteak orduan ohikatu: - Alto el baile! Hemen baten batek bizarrak latzak dituz. Eta hantxe sakabanatu ziren akelarrean ziren guztiak. Mutila bakarrik geratu zen sasien artean eta goizaldean ahal bezala itzuli zen etxera (Arana, 1996: 200). Istorio hau aurrekoarekin alderatzekoa da: tximiniatik datozen laminak, “gizona bizarra laztsu” edo “bizarra latzitu zain” esanez, gerren zaurtzailea eta bizarra lotu ditu. Berdin egiten du akelarreko buruzagiak, salbu gerrenaren lekuan eztena dela. Metaforikoki, bizarrek dute akelarrea barreiarazi eta lamina kolpatu. Gizatasunaren sinboloak ditu laminak eta sorginak garaitzen, eta berdin sorgina ugazabandre eta gizona morroi direnean ere, hau da, emaztea maila sozial goragokoa denean. Esan daiteke gizona dela gure mitologiako kondairetan laminen eta sorginen antidotoa, kontalariek usu azpimarratzen dutena. Emazte senpertar batek bere gurasoek betetzen zuten errituaren berri eman zidan 1999an: haren amatxi Arantzakoa zen eta hura bizi zeno tradizio guztiak atxikitzen zituzten etxean. Esate baterako, haur ukan-eta emaztea ez zen ongi eta ez garbi senarra etxean sartu arte; orduan gizonak emaztearen atorra garbi bat janzten zuen eta berehala emazteari pasatzen zion: arropa hartan bildurik zegoen gizonaren bertuteak emaztea begiratzen zuen aire txarretatik eta horrelakoetatik. Egintza ezin femininoagoa den erditzeak dakartzan alde ezkorrak, ahulezia eta zikina, gizonak erremediatzen ditu, hark daukalakoan garbiaren indarra. Erditzea lohia eta garbitu beharra dela erakusten zuen Elizak “purifikazio”ko erritua eginarazten zienean erdi berriei; eta ideia noraino egoskorra den adierazten du Luiaondon nire gaztaroko pasadizo batek. Haurrak jostetan ari zirelarik, mutiko batek “coña!” esan zuen; neskatilak, holakorik ez esateko gaztigatu zion; mutikoak, berriz, bere burua justifikatzeko: “Amamak ere coño esaten du”. Eta neskatilak azkendu: “Bai baina coña okerrago da, coña erditzen delako” (hitzez hitz: “Coña es peor, porque la coña pare”). Erabateko argudioa. VI. AMA SORGINA ERRE Lainoen gainetik eta sasien azpitik akelarrera joaten den mutilak ez ohi du etxekandere sorgina salatzen. Beste kondaira batzuetan, ordea, gupida barik errea izango da sorgina, semeak berak agindurik, ondoko kondaira tipoan bezala: Herri batean baziren anitz haur gaixo, begizkoak joak omen: herritarrek esaten zuten sorgin batek bota ziola zorte gaiztoa eta sorgin hori abadearen ama zela. Apezek bazuten modu bat sorgina nor den jakiteko: meza eman ondoan liburua zabalik utziz geroz, elizan diren sorginak ezin dira mugitu, paralisiaturik bezala gelditzen dira. Horixe egin zuen gure apezak: meza bukatu eta, liburua hetsi barik etxera joan zen. Laster etorri zitzaion neskatoa esanez amaren partez arin elizara itzul zedin eta liburua hets zezan. Horrela jakin zuen apezak ama sorgina zuela. Azkueren bertsioak dio (1966: 333) apez horrek ama sorgingabetu zuela, bedeinkazioen bedeinkazioz. Orozkon kontatu didaten bertsioan, berriz, apezak ama errearazi zuen, ulertzekoa dena, sorgina zelako. Aldi honetan urrun joaten da gizonen nagusikeria: genealogiaren logikaren kontra, semeak ama menperatzen du, hilarazteraino, sorginen kontra zernahi justifikatua bailitzan. Esango digute apezkeriak direla horiek, baina Azkue apezaren bertsioan ez zuten sorgina hil, eta bai andre batek kontatu zuen Orozkokoan (Arana, 1996: 194 eta 632). Funtsean, seme apezak Orestes-en krimena baizik ez zuen egin, hainbestetan aipatua eta hurrengo kapituluan azalduko dena. Eta makina bat ipuin bukaeratan irakurri dugu protagonistaren amaizun gaiztoa erre zutela - amaizun edo amatxi berdin, sinbolikoki, amaren irudia da beti. Kapituluaren hasieran azaldua den Deabruaren alaba istorioan atzematen dugu maila genealogikoaren uzkailtzea, aitaren kaltez alabaina; baina arazoa da sorgin erreen ipuinen misoginia bat datorrela iritzi arrunt batekin, makina bat aldiz entzun behar izan baitugu emazte guztiak nolabait sorginak garela. Orain eta antzina, Erdi Aroan ere iritzi berekoak ziratekeen, Anjel Lertxundiren “Lilith” ipuineko pertsonaia batek dioenez (666 Piztiaren izena): “gonadun guztiak dituk sorgin”. Mitologia, askoren sentimendua eta errealitate soziala bat datozenean, elkar indartzen dute eta ez dezakegu esan ikusmolde kolektiboa bestelakoa dela. VII. AMA IZUGARRIA ETA ODOL GAIZTOA Ama sorginaren erretzeak psikoanalisira eramaten gaitu. Ikuspegi horretatik ipuinak analizatu dituen Bettelheim ospetsuak uste du sorgina beti amaren iruditik datorrela, “ama izugarri”aren arketipotik. Sorginen amatasuna “Hansel eta Gretel” ipuinean atzematen du. Bi anai-arrebak basoan galdu eta etxe bat aurkitu zuten; han bizi den sorgin-ogroak abegi hona egin die haurrei, baita hazten ere, ama on batek egin lezakeen bezala; baina bakarrik gizenarazteko eta gero jateko asmoan egiten du. Modu berean, haur tikiak pentsatzen du amak bere nahi guztiak egingo dizkiola, eta gero, Edipo garaian, ohartzen da ez dela hala gertatzen; horregatik sumindurik eta sentimendu bikoitzetan murgildurik, ama ere ez ote den ogro bat sumatzen du. Kontua da, “ama izugarria”aren irudia ez dela soilik haurtzaroko gauza, adin helduan ere mantentzen dela eta sinbolo-konstelazio zabalago eta eragingarri batean kokatua dela, emaztearen odol menstrualaren arketipoaren inguruan: odol hori da ur gaiztoa, hilargiari, heriotzari eta gauaren izuari lotua, denak sinbologia femininoaz tindatuak (Durand, 1969: 110 eta 119). Irudi misogino horren barnean, haurrak dira biktima hautatuak, eta haurren eriaraztea eta hiltzea da gure tradizioko sorginen eginkizun tipikoa; bada, horixe burutzeko behar den pozoia hileko odolean dago: hala dio Alberto Magno deitu magia liburu zaharrak (1981: 67): Oraino hilekoa duten emazte zaharrek sehaskako haurrei begiratzen dienean, pozoia sartzen diete begien bidez. Hori honengatik gertatzen da: hilekoa duten emazteen odol geldiak eta beste umoreak gorputz guztian hedatzen direlako begietaraino, eta begi horiek airea kutsatzen eta haurrak infektatzen dituztelako. Zoritxarrez, gehiago hilekorik ez duten emazteek ere infektatzen dituzte haurrak. Nolaz? Hileroko odolik ez baitute kanporatzen emazte zaharrek, barnean gelditzen zaizkie humore gaizto guztiak eta, zaharrak izanik, ez dute aski bero gorputzean horien erretzeko, bereziki pobre direnek, jaki arruntak jaten baitituzte: horiek besteek baino pozoi gehiago botatzen dute. Ikusten denez ez da eskapurik: emazte zahar eta txiroa sorgina da halabeharrez. Alberto Magno ez da euskal liburua, baina hark seinalatzen dituen ezaugarriak zituzten hemen itxuratu diren sorgin anitzek; Webster-en bildumakoek, adibidez, edo Barandiaranen Brujeria liburukoek (1984b); Caro Barojak (1966: 290) kasu bat aipatzen du Nafarroan: Arantzan, aspaldian, karrika bereko haur batzuk begizkoak joak zirela eta, gizon batek esan zuen karrika horretatik egunero lehena iraganen zen atsoa (ez pertsona) zela gaitzaren eragilea; eta gutik egin zuen emazte xahar bat ez baitzuten erre, jadanik prestatua zuten-eta labea haurren familiako emazteek; eta gizonek salbatu zuten… Sorginak antzinako jendartean onak zirela eta kristianismoak gaiztotzat harrarazi egin dituela esaten da maiz, baina partean baizik ez da egia: kristianizatuak ez diren herrialde eta kulturetan badira sorgin gaiztoak, hala amerindioen artean nola Ozeaniako irletan. Pertsekuzio basatia kanpotik ekarria bazen ere, sinestea oso bertakoa da. VIII. HEMEN ERE TXAKURRAK ORTOZIK Gure mitologian agertzen diren bikoteei begiratuta - salbuespenak salbuespen – ukaezina da emazteak gizonen eragin pean daudela, baita gizonek baino maila genealogikoa eta sozial goragoa dutenean ere. Kondairetako gizon armatu eta emazte desarmatuen arketipoa indarrean da gaur ere, Bidasoako eskualdean inoiz baino bixiago. Bereziki misoginoak izaten dira sorginen istorioak, eta sorgin kaltegarrietan gizonak guti bezain ugari dira emazteak. Hala izan da inkestatu ditudan lekuetan. Donostirin Barandiaranek egin ikerketan ere sorgin gaiztoa “sorcière” (femininoa) izaten da gehienetan; eta aztia, aldiz, “devin” (maskulinoa), ez da kaltegarria, baizik eta kabala eta gauza galduak non diren asmatzen duena. Horiek hola, ezinezkoa da ondorioztatzea euskal mitologiak euskaldunen behialako matriarkalismoa erakusten duela; berdintasunetik urrun da eta, orokorki, jendartean atzematen den joera antzekoa da, beharbada doi bat hobea, ez hain desorekatua, gutitan baina noizean behin emazte azkarrak ikusteko parada ematen digu-eta, atea zabalik utziz hobekuntzari. Jendarte jarrera atzerakoi andanak irauten dute, iraun ere. Jostailu sexisten kontrako hainbeste kanpaina egin eta, 1998-1999ko Eguberriz, hau entzun dugu Baxenabarreko saltoki baten publizitatean: “Neskatilendako Barbie panpina, eta jeloskeriarik ez izateko, mutikoentzat Action-man!” Preseski, urte hartako Barbie-ren atributu berria “trentza magikoa” zen, Action-man-ena, aldiz, “basamortuko patruilako” gerla jantziak eta armak: rol banaketa sexistaren laburpen bikaina! Eta gero kontatzen digute naturak dituela bultzatzen neskatilak seduzitzera eta mutikoak borrokatzera. Bitartean, sexuaren arabera, orrazteko adats luzea edo gizon armatua eskaintzen zaie haurrei, haien bidez ikas dezaten beren burua non koka. Hauek guztiak entzunda, irratiko mintzaldietan galderagile izan zen Maddi Etxeberrik arazoa pausatu zuen: baztertu beharko al ditugu kondaira zaharrak modelo desegokiak eta diskriminatzaileak erakusten dizkielako haurrei? Ez genuen ondorio hori atera nahi eta erabaki genuen mitologia ez dela zakarrontzira botatzekoa, alderantziz; joera sexista nagusia izan arren, salbuespenak ere badirela, eta kondairak anitzak, bertsio eta interpretazio desberdinak ahalbidetzen dituztenak. Tradizioa ez da dogmatikoa, ez du orientaziorik inposatzen eta bai kontalariari parada ematen berak aukeratu duena kontatzeko berak aukeratu duen moduan, beti aurkituko duelako joera nagusiaren kontra doan ale kontestatarioa. Nork bere esku du orain arteko jokamoldea iraultzea, salbuespena izan dena ohiko bilaka dadin. Hemengo sexismoa ez baita Ingalaterra victorianokoa eta ez ditugu aditu behar Virginia Woolf-ek jasan zituen tamainako predikari ergelak: “Oscar Browning, Cambridge-ko pertsonaia handiak esan ohi zuen ‘edozein motatako azterketa-lanak irakurri ondoan, edozein dela ere lortutako kalifikazioa, beti iruditu zitzaiola emazterik hoberenak gizonik txarrenak baino adimen gutiago zuela’ ” (A room of One's Own). Nahiz eta larrikeriak ez zaizkigun falta izan: San Frantses Xabierkoak misionest bati bidali zion eskutitza, emazteekin zer jarrera hartu behar zuen aholkatuz, eta bi gauza azpimarratu zituen. Lehen, emazteen gogo-arina dela eta, hobe duela gizonen arima lantzea, gizonen bertutetik baitator emazteena. Bigarrenik, senar-emazteen artean auzi bat denean, sekula ez emaztearen aitzinean aitortzea gizona dela hobendun, haren errua osoa eta nabaria bada ere; osterantzean, gizona zirikatuko du emazteak - beti isekari eta diskrezio gabeak baitira emeak. Horregatik erakutsi behar zaie emazteei nolako errespetu zor dioten senarrari, bai eta gaztigatu ere zein gogorki zigortzen dituen Jainkoak eginbide sakratu hori ahanzten dutenen handiuste eta burgoikeria. Emazteei dagokie ezkontidearen haserreak irenstea eta pazientziaz eramatea, beren desobedientzia eta indiskrezio propioen ondorioz jasaten baitituzte, eta haietaz arranguratzeko beste arrazoinik ez dute, ezpabere behar bezalako izpiritu manukorraren falta (Delumeau-k aipatua, 1978: 324). Munduan okerrago baden arren, geurea asumitu beharko dugu, argudio lausengarrietan erori gabe, hala nola gure sexismoa ez dela gurea, indoeuroparrek, erromatarrek eta judeo-kristauek ekarri zutela. Holako ustekeriak egiaztatzeko inongo frogarik ez dugula, ez da polita hobena besteen bizkar ematea, soilik gure nahikariak ferekatzeko. Milaka urteko menpekotasunaren ondoan berdintasuna erdiesteak gogoeta seriosagoak behar ditu, lortuen gainean lokartu gabe. Hemen eta gaur oraindio, “kantazan” baino maizago “kantazak” abesten, eta OK Korral-ekoek bezala neskek beren amodio pil-pila ahotan hartzea ez da ohikoena, askoz gehiagotan egiten dute gizonek. Emazte trobadorerik bazen XII. mendeko Okzitanian, maitasun kezken kantari. Gizon baino askoz gutiago beti eta, oraingoak bezala, biziki poeta onak ziren haiek ere, Dia-ko kontesa, adibidez, “A chantar m'er de so qu'eu non volria” konposatu zuena. MUSIKA ° “Dut” taldeak, Fermin Muguruza kantari, “Bidasoa fundamentalista”, giroan sartzeko. https://www.youtube.com/watch?v=w4CCLxMiJMk ° “OK Korral”, 1986 diskoan “Baserriko neskatilak” abestiko hitzak gogoratu: “Nola egiten dute amodio / Baserriko neskatilak, berotasun asko daukate gorputzean / neskatilak jarraitu behar dira. Baso barrura sartzen dira / basajaun bat bilatzera / iluntzean entzuten dira / atsegin intzirak. / Beti eskatzen, beti arra jotzen / beti eskatzen / behin ere ez dira asetzen”. https://www.youtube.com/watch?v=b7t1-4DJMHQ ° Euskaldunen kantu kutuna: “Agur jaunak”, gizatasunaren ohorean. https://www.youtube.com/watch?v=d7Z8E-xhYTU ° Gerlako kantu “birilak”: “Aupa gizona jaiki mutil”, hartan esana baita: “Euskal herria diagu zain, presoak eta hilak ere bai, abertzale izan ezkero bai gauden denok anai” https://www.youtube.com/watch?v=M-ieK_s5SW8 ° Mozart-en Le nozze di Figaro operako “Non più andrai” aria https://www.youtube.com/watch?v=HhZ2viQw6Sc ° Areta Franklin-en “Think”: askatasunaren oihua. https://www.youtube.com/watch?v=cGXU7268Z50 ° Comtessa de Dia trobadorearen “A chantar m'er de so qu'eu non volria”. https://www.youtube.com/watch?v=5Zah4VWPiNE VI. kapitulua EMAZTEAK EUSKAL MITOLOGIAN - II8 Dibinitate femininoak Gure mitoetan agertzen diren mundu honetako emazteen egoera aztertu ondoan, orain beste mundukoak izango ditugu mintzagai, hau da dibinitate femininoak, ikusi nahiz haien izateak zer ekar diezaiokeen jendeen sozietateari. Ikusia dugu tradizioko kondairetan azaltzen diren emazteak, ez beti baina bai gehienetan, gizonen menpe egoten direla, bai intelektualki, bai sozialki, gizonek dauzkatela agintea eta agintea ekartzen duten armak, bistan dena. Laburzki, emazteek egunero jasaten duten menpekotasuna (Teresa del Vallek ikertu eta nabari duen bezala), gure mito batzuetan ere ageri dela. Alabaina, euskaltasunaren matriarkalismoa baieztatzeko erabiltzen den argudio bat beste maila batekoa da: berdintasuna, arlo sozialean baino areago, euskal erligio zaharrean igartzen dela, dibinitate femininoek - Marik bereziki - duten muntan. Alegia, dibinitate nagusia goiandere bat duen jendarteak ez dezakeela emazteak zanpatu, eta jatorrizko sistema hori kultura patriarkalista arrotzek dutela deuseztu. Ideia ez da berria. Bachofen antropologoak zioen, Das Mutterrecht (Amaren legea, 1861) liburuan, jendediaren eta familiaren bilakaera historikoan amaren legea, lege matriarkala, izango zela lehenbizikoa, Telurische Urmutter-en zaindaritzapean jarria zena. Ginekokrazia hori sinbolikoki uztartua da gauari, hilargiari, ezkerrari, amazonismoari eta lurraren sakontasunari. Preseski, Amazonismoari ihardukitzeko ezarri zen gero aitaren legea, ondorioztatu zuen Bachofen-ek, haren sinboloak direla eguzkia, eskuina, eguna eta izpiritua; eta iraultza hori Greziako mitologian ongi islaturik atzematen du, aita mendekatzeko ama hil zuen Orestes heroiaren ihardueran bereziki, haren krimenak erakusten baitu Olinpoko Zeusen eskubidea nagusitu zaiela lurreko aginteei, eta printzipio metafisikoa fisikoari. Bachofen-en lana eta Morgan antropologo eboluzionistarena (Antzinako jendartea, 1877) baliatu zituen Engels filosofoak, eta biak integratu bere liburu ospetsuan (Familiaren, jabego pribatuaren eta estatuaren jatorria, 1884), matriarkalismoari komunismo primitiboa lotuz eta patriarkalismoari jabego pribatua. Teoria hori marxismo historikoaren elementu garrantzitsua bilakatu zen eta, segur aski, Engels-en bitartez iraun du Bachofen-en hipotesiak XX. mendean. Teoria eboluzionistak baztertuak dira oraingo antropologia sozialean, nahiz erligio mailan baliteke ordezkatze prozesu zerbait gertatu izana, hau da, Neolito garaian Asia Tikian eta Kretan aurkitzen diren lurreko goiandereak zokoratu izana indoeuroparrek ekarri jainkoek. Dena dela, jainko argiek dibinitate feminino ilunak menderatu dituzten ideia nahiko topikoa da, eta Mozart-en Txirula sorgindua operan ere aurkitzen dugu: Gaueko Erreginak eta haren bi “aria” famatuen doinuek eta garrasiek, eder eta patetiko, ezin hobeto adierazten dute zer izan daitekeen dibinitate feminino baten destino petrala; bizkitartean, alaba bahitu dion Sarastrok eta haren apez lagunek erreginaren damak ohildu dituzte oihu eginez: “Leku sakratua profanatua da, infernura emazte zikin horiek!” (“Entweiht ist die heilige Schwelle! Hinab mit den Weibern zur Hölle!”). Arazoa da inola ere ez dela frogatu erligioaren arloan goiandereak nagusi izateak berdintasuna ekartzen duela arlo sozio-politikoan. Hain zuzen, antzinako Mikenas hirian, Orestes-enean, jainkoen ondoan baziren lurreko andereak, garrantzi handikoak, eta gizonek zuten manatzen (Héritier 1996: 211). Baina ez dira antzinateko erligioak gure aztergai, eta hemengoari mugatuko gara, haren dibinitateen izaera nola giltzatzen den lurtarren egoerarekin hautemateko. Eta gaiaren hasieratik hasi. Barandiaranen ikerketaz geroztik, sekulako garrantzia hartu du Marik gure mitologiari buruzko lanetan: dibinitate nagusia eta antzinateko goiandereen antzekoa dela esaten da. Orain axiomatzat edo hartzen diren baieztapen horiek gogoeta bat baino gehiago merezi dute. I. ANBOTOKO ANDEREA, AMA LURRA OTE? “Ekaitzegileak” eta “Mairu” kapituluetan azaldua da zergatik ez ditudan Mari izena eta ez Amalur deitura erabiltzen Anbotoko Anderea eta antzeko goiandereak izendatzeko. Errepikatuko ditut jadanik lehen kapituluan eginak diren oharrak: Anderea airekoa dela bereziki, gauaz su eta gar pasatzen ikusten zutela, batzuetan tximisten artean, mendi batetik bestera aldatzen zenean, “beti airean” ibiltzera kondenatua baitzen; airekoa da halaber, sai edo bele itxuran, hegaz begiztatzen dutenean Bizkaian. Ekaitza, euria eta txingorra eragin ditzake, eta berdin idorteak, greban jartzen denean. Hortaz, hezetasuna baldintzatzen du, eta ondoriozko uzta, ona edo txarra. Erakutsi nahi izan dut haren eginkizunetan meteorologiak duela jendeentzat garrantzia handiena, ugaltasuna baldintzatzen duelako. Harpeetan baldin badu egoitza -lurpean- beti zeruari hurbil dago, mendian, eta zeruan lan egiten du. Bikoitza dela erraten ahal da, izaki mitikoak ohi diren bezala. Halere, lurraren sinboloa eta genioa dela, beharbada haren pertsonifikazioa, esaten du Barandiaranek (Diccionario); eta Caro Barojak (1966: 293) infernuan egoten den Proserpinaren antza duela, hark bezala lurraren emankortasuna baldintzatzen duelako, kontuan hartu gabe euriaren bidez, airetik, egiten duela, Zeusek bezala. Zeusek ere mendiko harpeetan izan zuen egoitza, eta Hesiodok “lurpeko” eta “laborari” gisa kalifikatzen du. Arranoa zen Zeusen enblema, eta saia Anbotoko Anderearen itxura: jainkoari aitortzen zaion zerutasuna zergatik andereari ukatu? Zergatik anderearen mitoek diotenaren erdia ahantzi eta bakarrik azpimarratu harpeetan bizi dela? Segur aski gure ingurunean indarrean dauden sinbolikoen menpe gaudelako: maskulinoak dira zerua eta airea, femininoa lurra; Antzinateko erligioetan, jainko maskulinoek egina ohi zen euria eta haiek zuten ortzi eta tximisten atributua; zeruaren gobernua beren eskuan daukate eta, irudiz, inor ez da prest monopolio hori zalantzan jartzeko. Horrela “Amalurra” gora eta “Amalurra” behera erabili gaituzte, Andereari tradizioan inoiz eman ez dioten izenburua goraipatuz. Zalantzan ezarri dira, Aimery Picaud Erdi Aroko beilariaren hitzak ere, alegia, nafarrek Jainkoari Ortzi (Urcia) deitzen zutela. Ohartu ote dira beilarien bideko Lepoeder gainean den Ortzanzurieta mendia “Orçiren çorita” deitzen zela erdi aroan? Picaud-ek aipatu zuen Urcia maskulinoa zen segur aski, jainkoa deitzen baitzuten; baina txiripa, inguru hartan den santutegi handian, Orreagan, andere bat da nagusi, Ama Birgina; hari otoitz egiten dioten beilariek eguraldi egokia eskatzen ote diote? Herri tradiziori begiratuta ez da harrigarria emazteek ekaitzak egitea; sorginen lana zela esaten zen, haiek zituztela sortzen jendeei kalte egiteko, eta horretaz akusatu zituen Inkisizioak (Caro Baroja 1966: 117). Tirolen (Frazer, 1981: 639) zioten sorginak orrazten direnean erortzen zaizkien biloek ekaitza eragiten dutela, eta Eskozian indar horren alderdi baikorra baliatzen omen zuten, idortea zenean euria ekartzeko metodo gisa. Badakigu (ikus “Ekaitzegileak” kapitulua) Anbotoko Anderea bere haitzuloaren hegian orrazten agertzen zela maiz eta, neskatxa zelarik ere, horregatik madarikatu zuela amak. Bilo luzearen orraztea emazteen eginkizun tipikoa izanki, ondorioz heldu den ekaitza ere beraiek sortua litzateke. Horixe egiaztatzen du beste sineskera batek: Verdier antropologoak oroitarazten duenez (1979: 64), jadanik Pliniok idatzia zuen hilekoa duten emakumeak abazuza eta ihurtzuria bazterraraz zitzakeela, biluzik ageriz haiei aurre egiten. Serbian, ekaitza dakarrenean emakumeak bere sexua erakusten dio ortziari, urrunarazteko. Hilekoen eta ekaitzaren arteko lotura sinbolikoa, biei egozten zaien nahasmendua izan litekeela uste du Verdier-ek, entzuna baitu Borgoinan tenpesta aurreko haize beroak eta hilekodun emakumeak ondorio berdinak dakartzatela - maionesa bihurrarazi edo gazikiak galarazi; hilekoak ekaitz biologikoa eragiten omen du, hainbesteraino non, “une horretan emakumearen gorputzaren barnea ikusi ahal balitz, izugarria litzateke, dena iskanbila eta nahaspila, izenda ezina”. Hortik datorke neskatilek errogatibetan zeukaten rola, Ama Birginaren ikurraren atzean kantuz ibiltzen zirenean. Lehortea zenean, neskatxek garbitzen zituzten iturriak, horrek euria ekarriko zuelakoan (Sébillot 1968 II: 223). Verdier-ek (1979: 256) sumatzen du indar handi hori kontrolatzeko izaten direla etxeko alabak hain hestuki begiratzen eta hezten, edozein desbideratze ekiditeko asmoan. Horregatik ote zen hain jasanezina beti orrazten egoten zen neska, indiziplina erakusten zuelako eta bere indarra seduzitzeko erabiltzen, modu asozialez? Sorginena izan zein neskatilena izan, ekaitza sortzeko ahala ez da ongi ikusia. Kontu zahar horiek ez direla gehiago sinesten, ohartaraz daiteke. Bada, bai: ekaitzen eta emazteen arteko loturak bizirik dirau gaur egunean. Hurakanek eta zikloiek emazte izena eraman izan dute luzaz, 1979 arte. Mexiko Golkoan haien aztertzen dabilen hegazkin pilotu batek – zientzialari batek - Libération egunkarian (1997-VII-29) hala zioen: “Hurakanak izaki kapritxosoak eta bitxiak dira, ezin ulertuzkoak, horregatik ematen zieten emazte izena”. Feministak aldarazi zuten arte. Baina hurakanen gibeletik ibiltzen diren ikertzaileen irudikapenaren arabera, ozeanoko goiandere tropikalak dira orain ere, “liluragarriak beren indar eta izugarrizko handitasunagatik”. II. ANDEREA, EUSKAL MITOLOGIAKO DIBINITATE NAGUSIA? Ezinbestekoa da euria, idortea eta uzta manatzen dituen dibinitatea garrantzitsua izatea, eta ulertzekoa da Anboto Anderearen itzala. Baina ez da hura gure eguraldi egile bakarra, ez du funtzio horren esklusibitatea. Bizkaian eta Gipuzkoan baditu bere ondoan ihurtzuria eta harri-erauntsiak egiten dituzten herensugea eta deabruzko zalduna; bi horiek dira Nafarroako eta Iparraldeko ortzigile nagusiak, nahiz eta neska ekaitzegilea ere baden Baxenabarren, Salbatoreko Saindia. Batzuek nonahi ikusten dute Mari, eta Iparraldean ere atzeman dute, baita “Donamaria” eta “Sainte Marie” izena duten etxe eta toponimoetan ere. Hots, horien eponimoa Ama Birgina da itxura guztien arabera. Marimania hain da hedatua non 'mairu' hitza ere Marirekin lotu baituten, oker handiak eginez, besteak beste Mendibeko “Mairu-etxe” “Mari-etxe” bilakaraziz (ikus “Mari” kapitulua). Eta gero, goianderea benetan dagoen lekuetan ere, ez dago bakarrik, eta ez da esana beste pertsonaiek baino aipamen handiago izan duela: badira laminak, basajauna, mairuak, jentilak, tartaroa, denak munta handikoak berriemaileen gogoan. Marik hartu duen ospe itzela Barandiaranen lanen hedatzetik heldu da eta aski berria da: gure “jainkosa” ofiziala aldarrikatua da orain, bilo-horia eta fotogenikoa, ahanztekoa ez dena zinearen garaian. Tradizioan gauza ez da hain nabarmena izan. Matriarkalismoa erakusteko, Anbotoko Anderearen nagusitasunaz gain, beste dibinitate antropomorfo femininoak ere aipatzen dira, laminak batik bat. Jakina, ugariak dira gure bazterretako laminak, baina ugariak ere irudi maskulinoko izakiak. Euskal Herriko ekialdean gizonak dira lamina zubigileak, Gillen deitzen direnak. Eta genero zehaztu gabeko izakiak ere badira. Dibinitate femininoen aniztasuna ganora gutxiko argudioa da. III. ZERUAN BEZALA LURREAN ERE? Eman dezagun baietz, gure mitologiako dibinitate gehienak femininoak direla eta andere bat dutela nagusi. Horrela izanagatik, “beste mundu” mitikoan den egoerak gure mundu honetakoa mana lezake? Hau da, “zeruan bezala lurrean ere”, borondate bat eta bera? Mitoak pentsatzeko tresnak dira eta mitologiak badu zerikusia soziologiarekin, baina bien arteko korrelazioa ez da beti zuzena eta segur da hemengo emazteak ez direla beste mundukoen kopia: goianderearen gurtzeak ez diela agintea ekarri erakusten du historiak. Komeni da beharbada berriz ateratzea Lamina zauritua kondaira, jadanik agertua lan honetan, “Auzo harremanak” eta “Emazteak I” kapituluetan: lamina kebidetik jausi eta jatekoa eramaten zuen, emazteak salatu-eta gizonak zauritu zuen arte, eta ordutik ez zela gehiago laminarik ageri etxe hartara, bakea ukan zutela. Hala diote bertsio gehienek; guti batzuek zehazten dute laminak etxaldeko aberastasuna bermatzen zuela eta, etxea zapuztuz geroz, jende horiek pobretu zirela. Kontua da laminek, dibinitate ongileak direnean ere, ezin dutela gizonaren erasoa galarazi, eta emazteek eskaintzen dizkien erritu propiziatorioei erantzunez emankortasuna ekartzen badute, berdin, indarrean den ideologia inposatzen zaio mitoari. Berrikitan, 1998ko abenduan, Pasaiako arrantzontzi bat galdu zen Bizkaiko golkoan, bere marinel guztiekin. Tragediaren izugarria eta itsasoko lanjerra zein handia den adierazteko, Pasaiako arrantzaleen kofradiako lehendakariak esan zuen: “Itsasoa emazte tzar bat da, emazte traidorea, egun eman egiten dizu eta bihar kentzen” (El Correo, 1998-XII-24ko artikuluan: “La mar es una mala mujer, una mujer traicionera que hoy te da y mañana te quita”). Ez da jende tzar bat, baina emazte tzar bat, hurakana bezalaxe, aldakorra eta hiltzailea. Noraino eramaten gaituen haize beltzaren sinbologia femininoak. Gizonak irensten dituen itsaso gaiztoa eta emazteak parekatzeak dibinizatzen ahal bagaitu, ez gaitu batere lagunduko iritzien inertzia astintzen eta justizia lortzen. Ez gara harrituko Antzinateko Grezian Lurreko Anderea gurtu arren emazteek aginterik ez izateaz, gurean ere inork ez lezake pentsa Mexikon edo Hondarribian ez dela matxismorik gero, Guadalupeko Ama Birgina kartsuki gurtzen dutelako. Dibinizatzeak berak ere ez du nahitaez errespetua esan gura; jadanik Gilgamesh heroi sumertarrak irudi misoginoenak erabiltzen zituen Ishtar iraintzeko eta oina zauritzen duen zapata langoa zela jaurti zion behin. Mircea Eliade erligioen historiagileak dioenez, Mediterraneo inguruko neolitiko eta brontze garaian hain aipatuak diren goiandereak (Mesopotamiako Ishtar, Feniziako Astarte, Greziako Demeter eta Afrodita, Asia-Tikiko Zibeles... denak nahiko antzekoak) biziaren sakratua eta ernaitasunaren misterioa adierazten dituzte, baita kapritxoa eta ankertasuna ere; bizia, indarra, ugaltasuna oparitzen dituzte, bai, baina gerlak eta izurriteak ere. Gehienak biziaren andereak dira eta, aldi berean, herioarenak (Eliade, 1968). Antzeko ideia durduzagarriak betikotzen dituzte poeta oso estimatu batzuek, Rilker-ek adibidez, esaten duenean emazteak bi fruitu daramatza sabelean “haur bat eta herioa” (Les cahiers de Malte Laurids Brigge”). Sorburuan kokatzen diren asmoak nolakoak, ondorioak halakoak: gogoeta misoginoetan jaio eta bizi diren goiandereak ez zaizkigu baliatuko, daukaten boterea handia ezin dute ordenamendu soziala artezteko erabili; ez dute horretarako bokazioa eta inork ez die eskatu. Erligioaren irudien esanahia eta eragina neurtzeko orduan, ingurugiro ideologikoa eta ohiturak kontuan hartzekoak dira, elkarrekin dituzten harremanen logika igartzeko; zuzen lotuak edo denak bat direla baieztatzea sinpleegia da. Halaber, mitoa ez dela historia azpimarratu behar da. Amazonak (gizonik gabe bizi ziren emazte gerlariak) ez dira inoiz izan (Tartaro begibakoitzik ere ez...). Orain arte historian eta geografian zehar ez da azaldu jendarte bakar bat amazonen tipokoa, ez eta sexuen arteko berdintasuna duenik. Badira jendarte matrilokalak eta matrilinearioak, azken hauetan ondoretza amaren bitartez pasatzen baita, batzuetan hura jabea izan gabe, hau da, bere nebatik bere semera iragaten uzten; baina inon ez dute emazteek gizonek bezain beste aginte politiko eta ekonomikorik izan, are gutiago militarra. Dokumentu antropologikoetan azaltzen diren emazteak gizonen pean egon dira, gehiago edo gutiago. Mitologiak aurkezten dizkigun gehienak bezala. Gerta daiteke, gainera, emazteen ahalek izialdura eragitea eta horregatik oraindio okerrago tratatuak izatea: bizia emateko ahal biologikoa eta herioa emateko ahal sinbolikoa baldin badituzte, gizonek konpentsazioa bila lezakete hiltzeko ahal oso erreala duten armak erabiliz. Andereen nagusigo mitikoa beraien aurkako zanpaketa justifikatzeko baliatu izan dute gizonek, argudiatuz emazteen aurka erabiltzen duten zapalkuntza neurri prebentiboa baizik ez dela, andereek agintzen zutenean gizonei jasanarazi dizkieten gehiegikeriei eta afruntuei ihardukitzea (Héritier 1996: 216). Gizonen beldurrak eta mesfidantzak bortizkeria ekarri dute kasu txarrenetan, eta hoberenetan erdeinua eta gutiespena. Argienak ere ez dira horrelako aurreiritzitik libratu, eta Mozart-ek berak, bere testamentu ideologikotzat hartua den Txirula sorgindua operan, onetsi du libretistaren misoginia larria, garaiko maçon “aurrerakoi”en ildoan: Sarastroren apezek Tamino heroiari gaztigatzen diote ezin seriosago: “Bewahret euch vor Weibertücken, Dies ist des Bundes erste Pflicht!” (“Begira ezazu zure burua emazteen jukutrietatik, horixe da gure Ordenaren lehen eginbidea”). Zapaltzaileen leloa, beraiek direla zapalduak. IV. INTERPRETAZIOAK MITO BALIO DU Gure jatorrizko matriarkalismo aldarrikatzen tematzen dira euskaldun anitz, eta horretarako ere arrazoiren bat izan behar dute. Sexuen arteko parekotasuna bilatzen dute eta horixe aurkitzen, aurkitu ere. Jendeek sortuak eta jendartearen aldaerei egokituak dira mitoak, eta ahalbidetzen dituzten interpretazioak ere haien berezko osagarri dira. Onartu beharko dugu, tradizioan ez bezala, gaur egungo mitologia matriarkalista izan dadin nahi dela. Antzina zituen funtzioak eta orain dituenak ez dira berdinak. Orain ez da gehiago sinesten lehen bezala Anbotoko Anderea egiazki bizi dela; horrez gain, doi bat ahanzten da ekaitzak egiten eta eguraldia manatzen ibiltzen zela. Batez ere ez da gehiago gogoratzen kondena baten ondorioz zebilela gelditu ezinik. Baina bai sinetsi nahi da gure jendartea ez zela sexista Mariren mirakuluz eta, bereziki, geroan ere ez dela izango, mitoaren ikasgaia barneratzen badugu. Hortaz, Mari da gure dibinitate nagusia, egiazki aldi honetan, eta Euskal Herriko leku gehienetan, ezezaguna izan zen tokietan ere, funtzio zehatz bat betearazteko gogoak bizi baitu. Hala bada, ukaezina da mitoek bizi-bizirik dirautela eta eskaintzen dizkiguten ereduak indarrean daudela, balio izan bailezakete zuzentasunezko proiektu nazional eta soziala eraikitzeko, gure sustraietan oinarrituak. Ez da zertan harritu, askotan gertatu izan da hori historian. Grekoek Homerorengan ikasten zituzten modeloak -edo anti modeloak. Frantziak baditu bere Clovis, bere Jeanne d'Arc, bere Iraultza Handia. Euskal Herrian identitate bila ibilki, pentsamolde propioa aurkitzeko xedea dugu eta, partez, mitologian kausitzen. Auzo herrietan haizu eta zilegi dena zergatik gurean ez? Haiek bezala, gure asmoei egokitzen dizkiegu mitoak, nahi duguna erranarazten diegu, manipulatzen menturaz. Bego: mitoen naturan eta patuan dago manipulatua izatea, eta ez da horregatik sobera asaldatzeko arrazoirik. Ez dezagun baiezta, halere, betidanik esanahi hori izan dutela; soilik onartu mitoek beren bilakaera badutela eta inoiz baino zuzentasunzale eta feministago bihurrarazi ditugula orain, horixe delakoan funtzio berria betetzeko behar duten eitea. V. LURPEKO AGINTEA? Logika horretan, halere, paradoxa bat bada, handia. Sexuen arteko berdintasuna lortzeko, sistema sinboliko sexista arbuiatu behar litzateke. Sistema horretan, preseski, gizonei egokitzen zaizkie goialdea eta airea, emakumeei behealdea eta lurra; goiak agintea erran nahi du, beheak menpekotasuna, hori adierazten dute bederen 'garaitu' eta 'azpiratu' hitzek. Sinbologia hori nola sortu zen ez dugu hemen aztertuko; kontua da guretzat, emazteentzat, ez dela biziki lagungarri, behearekin batera menpekotasuna suertatzen zaigulako. Mitologia mediterranear zaharrean, lurreko andereekin batera baziren jainko ortzigileak, ekaitzegileak. Hots, ortzantza sumindurari eta bortizkeriari uztartzen zaie eta, euskaraz ere, norbait oso haserretua denean “ortzia bezain kexu” dela erraten da. Antzinateko Ekialde Hurbilean armadari eta gerlariei - hau da aginte militarrari - alderatzen zitzaien ortzia. Alde horretan ere, goiandereak lurpeko eta jainkoak zeruko izateak ez gaitu aitzinarazten larderia lortzeko orduan. Aireko goiandereari ere alde txarrak azpimarratzen bazaizkio, kasik ezinbestekoa da gaitzak oro egoztea behekoari. Nola ulertu emazteen askatasuna eta berdintasuna erdietsi nahi dituztenok Mari “amalurra” dela errepika dezaten, argia delarik lurpetarra baino areago zerutarra dela ? Tradizioan matriarkalismoa bilatu eta horren alde mitologiak eskaintzen digun apurren aurrean begiak hesteak edo agerian denari muntarik ez emateak, ez du zentzu handirik. Zaila da bai, denentzat, erakatsi dizkiguten sinboloen itzulikatzea; horretan bakoitzak gure itsukeria... VI. LOGOS BARIKOAK Naturaltzat jotzen eta axioma balira bezala hartzen ditugu gure kulturako irudikapenak, sexu eta generoarekin zerikusia dutenak barne. Eta gehienek eskaintzen diguten klixea da emazteak intuitiboak eta sentiberak garela, liluragarriak eta krudelak, histerikoak eta beldurtiak, irrazionalak eta ilogikoak, fidagaitzak eta aldakorrak, lurrari, hilargiari eta gauari lotuak; emazteen egitekoa, jakina, bizia ematea da. Gizonek, gerla egiteaz gain, alderantzizko ezaugarriak dituzte: argitasuna, razionalitatea, ausardia, fidagarritasuna; horregatik haien beso sendoa behar dute emazteek bizitzan zuzen ibiliko badira. Eskema berdinaren gainean finkatzen da Marirengan gure inkontziente kolektibo matriarkalista igartzen duen teoria: Euskal kosmo-ikuspegian, mater-materia da Mari goianderean haragitzen, eta ez logos-a edo arrazoi abstraktua; ez goitik-beherako edo emanazioko mugimenduan, baizik eta petik-gorako edo inmanaziokoan (Ortiz-Osés, Naberanek zitatua, 1998: 86, nik euskaratua). Menturaz oso asmo zintzoaz pentsatu ideia da, baina betiko zulora amiltzen gaitu: logos-a (logika) ukatzen digu, gizonek bai dutena eta, filosofoen arabera Aristoteles-etik Heidegger-aino, animaliak eta jendeak bereizten dituena: horrela, alegia deus ez, pertsona izateko ezaugarria kentzen zaigu, abereekin eta Marirekin batera ontsa naturalak izan gaitezen. Berritasun guti ekartzen digute Marizaleek, generoen banaketaren terminoak beren ohiko lekuan atxikitzen dituztenean. Zoritxarrez, terminoetan inbertsio gertatzen den gutxietan ere, eguzki feminino eta hilargi maskulino direnean, ez ei da hargatik aldatzen osotasunaren zentzua: Héritier antropologoaren ustez (1996: 234), gutietsiak dira beti emazteari lotzen zaizkion baloreak, emazteei lotuak direlako hain zuzen; sinboloetatik baino honantzago edo hurbilagoko zerbaitek manatzen dituelako segur aski. Bestalde, ez da dudarik generoa eta haren kategoriak ez direla sexu biologikoari uztartuak, Simone de Beauvoir-ek laburtu zuena erranez “ez dela emazte sortzen, bilakatzen baizik”. Biologiaren determinismorik ez bada eta hautua kulturala baldin bada, zergatik hautu berdina egiten da beti? Arrazoinak bat baino gehiago dirateke ihardesten du Héritier-ek (1996: 231-234). Hasteko, “naturaz” ez, baina bai “bortxaz” egiten da aukera, aurre-historian behintzat: haur tikien ama baztertua izan zatekeen ehiza eta gerlatik bizi-baldintzen bortxaz - luzaz eman behar baitzuen titia - eta biltze lanetara mugatuko zen. Eginkizun horiek zergatik ez diren gutiago balioztatuak ez dakigu. Eta gero odolarena bada, hobeto esanda, haren irudikapena: emazteek nahitaez galtzen dute hilero; gizonek nahitara ematen dute gerlan, emazteei debekatzen zaiena. Odolari buruzko fantasmak oso ideologikoak dira, eta biziki atxikiak: hilerokoa lohia da, gerlariena, aratza; horregatik gerlan hiltzen diren gudari musulmanak beren odolak garbituak dira eta ez da beharrezkoa haien gorpua urez ikuztea. Araztasuna da emazteek Jainkoaren ministroak izateko falta omen duguna. Gerla, armak eta aginte militarra, denak kontrol tresnak, Martitz eta Martzial-en atributuak, ez dira partekatzen, ez zaizkie emazteei erraz ematen. Aurre-historian bizitzaren bortxaz egin aukerak sustraiak barnatu ditu, eta ordutik hona sinboloen banaketa generikoak munduaren eta gauzen pertzepzioa egituratzen ditu, halako moduan non bizimoduaren aldaketak ezin baitu berez erauzi: ondorioa kausatik autonomo egin da. VII. ZERUARI SO ETA MAILUARI LOT Bi kapitulu hauetan mitologian kukutzen den ideologia nabarmentzen saiatu gara, nola uztartzen den praktika sozialarekin eta nola sinboloen eta arketipoen erabiltzeak elikatzen eta iraunarazten duen sistema osoa, bi arloek elkar eragiten baitute. Sinboloetan dautzan kategoria generikoek sailkatzen dituzte baloreak eta, neurri handian, bizitzaren ordenamendu soziala; haien arabera definituak baitira nolakoak izan behar duten emazteek -goxoak eta, ahalaz, doi bat zozoak- eta nolakoak gizonek -doi bat bortitzak eta, ahalaz, azkarrak; eta zein izan behar diren bakoitzaren egitekoak: etxeko gobernua emazteena, aginte publiko eta politikoa gizonena. Gauzak hola, ez genuke gure burua engainatu behar eta kontzientzia onean lasai geratu, pentsatuz hemengo tradizio zaharraren arabera gure jatorrizko praktika zintzoa izan dela eta aski dugula kanpotarrek ekarria baztertzea injustiziak zuzentzeko. Erran gabe doa jainko arrotz baten monoteismoak ez gaituela askatuko: hura dauka estakuru aita sainduak emazteei apezgoa ukatzeko. Baina protestanteak eta anglikanoak ere monoteistak dira eta arazoa konpondu dute, tradizioaren kontra joanez. Hobe dugu jakitea, bai hemen eta bai besteetan, sexismoaren gaitza biziki barna dela eta hari garaitzea ez dela erraza. Zinezko berdintasunaren modelo historikorik ez dugu, nahiz jendarte batetik bestera aldeak oso handiak izan: menperakuntza arinak baditugu -joan den mendeko Irokois amerindiarrek zeukatena, adibidez, edo Hopiena-; ugariagoak menperakuntza basak, guretzat ezagunena gaur egungo erresuma islamikoena, hain segur. Aurretikoen ezean, zerbait berria sortu beharko dugu eta, naski, gure-gureak jotzen ditugun sinbolo batzuen kontra joanez. Ez da etsitzeko arrazoia, baizik eta zailtasunak non dauden jakiteko. MUSIKA ° Mozarten Txirula sorgina operan emazteen erdeinu sistematikoa aurkitzen badugu ere, haien ahoan emanak diren doinuak paregabeak dira; eta hasteko Gaueko erreginaren lehen aria: “O zittre nicht, mein lieber Sohn”. https://www.youtube.com/watch?v=NjgVfoVPCoA ° Txirula sorgindua: bigarren aktoko “Wie? Wie? Wie?” kintetoan “Infernura emazte zikin horiek!” oihukatzen dute Sarastroren bi apezek. Antzinateko erligioetan goiandereak baztertu omen zituzten jainkoek. https://www.youtube.com/watch?v=oqy9cq8fMa0 ° Txirula sorgindua, Gaueko erreginaren bigarren aria: “Der Hölle rache”: Anbotoko Anderea, gauekoa. https://www.youtube.com/watch?v=pDUyA-fVie8 ° Mozart, Cosi fan tutte opera: “Come scoglio immotto resta contra i venti e la tempesta” aria. Emazteak eta hurakana, baina aurrez aurre. Schwarzkopf-ek kantatua, Karl Böhm-ek zuzendu bertsioan (EMI P. 1963 eta 1986). https://www.youtube.com/watch?v=CeB0k87SnCM ° Txirula sorgindua: bigarren aktoko “Bewahret euch vor Weibertücken” duo-an emazteetatik begiratzeko aholku ematen dute apezek: beldurrak ez du ideia onik ekartzen. https://www.youtube.com/watch?v=h8PzQODTw_k ° Mozart, Le nozze di Figaro operako duo: “Canzonetta sull'aria: Che soave zefiretto”. Behekoen agintezina ikusi eta, atseden pixka bat hartzeko, doinuaren ederrez mendeku tikia dastatzen. https://www.youtube.com/watch?v=Fc3fmSSUwck ° Joan Baez, “We shall overcome” abestia, “Ezina nekez egina” ikusiko dugulakoan. https://www.youtube.com/watch?v=nM39QUiAsoM VII. kapitulua APEZEN IRUDIA TRADIZIOAN9 Apezak mundu honetako pertsonak dira, eta halere leku handia dute herri mitologian, sorginen antzera naturaz-gaineko ahalak dituztelakoan. Kondaira gehienetan azaltzen diren jendeen eta izaki mitikoen arteko tirabiretan eta gatazketan, apezek beren baliabideak ateratzen dituzte beste mundukoenekin neurtzeko. Jendeen alde eta parte txarrekoen kontra aritzen dira ontsalaz, baina sorginen eremuan kokaturik atzematen ditugu batzuetan, beren ez-ohiko ahalak kalterako baliatzen ahal baitituzte: hain da laburra sorginaren eta sorginaren aurkakoaren aldea non, anitzetan, bi poloak baturik agertzen baitzaizkigu, ekaitzegileen kasuan ikusi ahal izan dugunez. Printzipio logikoa hau da: gaitza galarazteko bertutea daukanak gaitza egitekoa ere badaukake. Eta araberakoak dira herri tradizioan apezenganako sentimenduak: fidantza eta mesfidantza. Eliztarrek, lehen, oso serioski hartzen baitzituzten apezen ahalak. Sandra Ott-ek (1993: 108) Zuberoako zaharrei entzun die lanjerosak izan daitezkeela, indar berezia baitute eta bakoitzak bere tenperamentuaren arabera erabiltzen duelako. Kondaira askotan erakusten da apezen bikoiztasun hori: sorginen konjuratzaileak dira baina sorginak ere, ekaitzen garaileak baina ekaitz egileak ere, arima erratuen uxatzaileak baina kondenatuak ere, jendeen osagileak baina trufa-gaia ere; eta, noizean behin, heroi tragikoak. Apezaren irudia, beraz, ez da beti biziki ortodoxoa, mitologiak bereganatu baitu eta bere erara aldarazi baitu, sisteman sarrarazteko. Eta halere, edo horregatik, ortodoxian ere badituzte apezek beste mundukoen kontrako baliabideak eta exorzista bat izaten da katedraletan, deabrua ohiltzeko deabrutuen gorputzetik, kristianismoaren eta paganismoaren ideiak elkarrengandik oso urrun ibili ez diren seinalea. I. APEZAK GAUEZKOEN GARAILEAK Euskal Herriko leku anitzetan esaten dute parte txarrekoak (laminak, basajauna eta abar) apezen otoitz edo benedikazioek uxatuak izan direla. Zuberoan, Larraineko oihaneko basajaunak malur anitz kausatzen zizkien bizizaleei, harik eta apezak urrunarazi zuen, neskenegun gau oroz “Salve Regina” kantatuz (Cerquand, 1986: 23). Herensugeaz Ezpeletan esan zioten 1942an Barandiarani (1973b: 416): “Batzuek erraten dute apez batek madarikazionea egin omen ziola eta handik kasatu omen zuela itsasgorrietara”. Isturitzeko laminak apezen otoitzei esker suntsituak izan zirela azaldu zuen Oxobik 1930eko Gure Almanaka-n (Kaltzakortak zitatua, 1997: 67). Hortaz, apezarengana jotzen zuten jendeek beste munduko izakiren batekin arazoak zituztenean, eta hark laguntzen eta aholku ona ematen zizkien. Hala gertatzen da Deabruaren zubia istorioen bertsio gehienetan, “Ura” kapituluan ikusi dugunez: zubiaren truke deabruari arima saldu zion neskatilak (edo harginak) abade batengana jo zuen, eta hark aholkatu zion eguna argitu baino lehen oilarrari kantaraz ziezaion, deabruek ihes egin zezaten zubia bukatu gabe eta, ondorioz, lansaria – arima - eskuratu gabe. Arrakasta handia izaten dute apezen metodoek parte txarrekoak menperatzeko, nahiz ez den beti lan erraza izan, besteak ere ez baitira besoak uztarturik egoten erasoen aurrean, aitzitik mendekatzen saiatzen dira; eta horrek parada ematen dio apezari bere adimena eta ahalak erakusteko: Larrungo mendiaren oinetan leze batean bizi ziren laminek jendeak pertsekutatzen zituzten, inguruko etxekoak bereziki. Behin, apezaz trufatzeko, auzoko gizon bati erran zioten: -Hoa Sarako erretorearengana eta erraiok guregana etortzeko. Erretora badoa, baina halako moldez izitu eta beldurtu zituen haren bertuteak, non ez baitzen lamina bat agertu apezaren inguruetara, eta apeza etxera itzuli zen nehor ikusi gabe. Laminak berriz lehengo mandatariarengana: -Zer zen oraistian hemen izan den gizon arropa beltz hura? Ori, zuaz berriz beregana eta emozu gerriko zinta seda hori gerrian ibil dezala. Hala egin zuen gizonak; apeza mesfido zen eta galdegin zion: -Ahal dakizu zinta horren neurria zenbat den? -Ez jauna. -Zoazi beraz orai lezeari hurbil den gaztainondora eta neur ezazu ea zenbat inguru eginen dituen zuhaitz hartan. Gizona beti bezala badoa obedienki eta hasten da, manua zuen bezala, zinta sedaren neurtzen zuhaitzaren inguruan, bainan azkeneko ingurua egin duen bezain sarri, horra nun suntsitzen zaizkon begi aintzinean bai zuhaitza eta bait zinta seda. Eta gizona hantxe gelditu zen, deusik ezin ikusiz eta ezin asmatuz, gogoetan jarria (Cerquand, 1986: 55, laburtua). Atsular izan zitekeen erretore horren zuhurtziaz eta jakintzaz gogoetatuko zuen. Eta aldi hartan bai, baina ez dira beti borrokatik garaile ateratzen apezak, noizean behin huts egiten dute, edo erdi huts. Preseski, Larrundik urrun ez den beste mendi bateko laminen aurka. Artzain bat galdu zen Mondarraingo lamina-zilo batean eta apeza haren bila jautsi zen: eskuan zeraman ostiari esker jalgi zen bera bizirik, baina mutikoa han gelditu zen (Barandiaran 1973a: 469). Halaber Ahüzkin (Zuberoan): meza entzunik gabe zegoen mutiko bat airean eraman zuen zaldi batek Lexarregibele aldera; xerka joan zitzaizkion jendeak eta hango leizean ikusi zuten hilik; apeza sartu zen harat, ur benedikatua igorri eta otoitzak egin, baina ezin zuen hila atera; gero mutiko bat sartu zen, hiru ezko benedikatu inguru gerrikoan zituela amak ezarririk, eta korpitza atera zuen; orduan boz bat entzun zuten: “Madarikatu, gerriko korda horiek eramaiten dute, ez ur-txapaxta horiek, ez eta kanta eder horiek!” (Barandiaran 1962b: 109). II. SORGINEN AURKAKOA Beste munduko izakiak bezala, mundu honetako sorginak ere konjuratzen eta menperatzen ahal ditu apezak. Zuberoan (Ott, 1993: 109), Santa Garazi Igaia etxeko nagusiak ahal berezia zuen belagileak ikusteko, besteek ezin zezaketena; behin, halako bat ikusi zuela esan zion auzoari, eta belagilea mendekatu zitzaion haren haur sortu berriari konbultsioak eraginez; apeza deitu zuten eta hark ohildu zuen sorgina. Gipuzkoako istorio batean apezak nola egin zuen zehazten da: Berasategiko neska bat joan zen konfesatzera, gorrotatzen zuen familia bateko sei haur hil zituela. Sorgina zen eta euli bilakaturik zintzurrean sartzen zitzaien eta hiltzen zituen. Zazpigarrena salbatu zuen apezak, estolaz eulia harrapatu eta kutxa batean sartuz: kutxaren barnean neska hila zela ikusi zuten gero (Barandiaran 1973a: 501). Apezen tresna baliosa da estola. Hura ukituz hodeian zebiltzan deabruak ikusi zituen beretterrak, apeza bedeinka eta bedeinka ari zen bitartean (“Ura” kapitulua). Frantziako apez batzuei, kontatzen du Sébillot-ek (1968 IV: 240), txerrenek estolak urratzen zizkien bata bestearen ondoan exorzismoak egiten ari zirenean, eta horregatik zuhurrenek dozena bat eramaten zuten aldean, aurre egin ahal izateko. Apezaren ama sorgina istorioan azaldu da (“Emazteak I” kapituluan) herri batean haur anitz eri zirela apezaren amak begizkoa bota zielako; eta apezak bazuela manera egia zenez igartzeko, meza eman ondoan aldare gainean liburua zabalik utziz geroz, elizan zeuden sorginak ezin mugiturik gelditzen zirelako; hala egin zuenean, haren ama geratu zen paralesiatu bezala: hura zen sorgina; orduan benedikazioen benedikazioaz apezak sorgingabetu zuela dio Azkuek, eta Orozkon, aldiz, errearazi zuela. Bi gauza azpimarratzeko dira istorio honetan: apeza ez zela sorginkeriatik biziki urrun, sorgin baten semea baitzen, eta apezak baduela liburua, sorginak kontrolatzeko tresna bikaina, eta anbibalentea: hura erabiltzen du, bai sorgina nor den jakiteko eta bai sorginak konjuratzeko behar diren formulak eta otoitzak irakurtzeko. Tradizioan ez da apezik libururik gabe, beti brebiario eskuetan irudikatzen eta gogoratzen dituzte jendeek. Liburu misteriotsua, ulertezina herritarrentzat, irakurtzen dakiten gutientzat ere, latinez idatzia baita. Hitz magikoz betea, ustez, hartan kontzentratzen ziren apezaren ahalak. Baina sorginkeriaren kutxa ere izan daitekeen liburu hori izugarri lanjerosa da apeza bezain azkar ez direnentzat. Frantziako toki askotan kontatzen dute (Sébillot 1968 IV: 240) neskame batek apezeneko mahai baten gainean atxeman zuela liburua, kuriositateak bultzaturik zabaldu eta deabruak eraman behar zuela, apeza garaiz heldu eta salbatu izan ez balu. Mitoek erakusten duten apezen bikoiztasuna errealitate historikoa izan dela adierazten du Castañegak, bidenabar arrazoin soziologikoak azalduz, 1529an idatzi zuen Tratado de las supersticiones y hechizerias liburuan. Por experiencia vemos cada día que las mugeres pobres y clérigos necessitados e codiciosos, por oficio toman de ser conjuradores, hechiceros, nigrománticos y adeuinos por se mantener e tener de comer abundosamente; y tienen con esto las casas llenas de concurso de gente (Castañega, 1994: 12). Ontsalaz antonimoak diren 'hechicero' eta 'conjurador' deiturak pertsona berari egoki izanak adierazten du elkargarriak direla bi funtzioak. Ohartzekoa da funtzio kontrajarri horiek berdin emakumeek zein eliza-gizonek bete ditzaketela, eta ama sorgin eta seme apezaren korrelazioan jartzen ahal ditugu; ez dut uste bi jende tipo horiek pobreziak dituela lotzen, irudimen mitikoak baizik. III. APEZ SORGINAK Liburuaren eta sorgin-indarren jabe izan diren apez batzuk biziki ezagunak dira: Lapurdin Sarako Atsular, Iruñaldean Atarrabiakoa, Nafarroa hegoaldean Bargotakoa, Orozkon Axpurukoa... Denak modelo antzekokoak, nigromanteak, Caro Barojak erabili terminologian (1975: 18-22). Egiazko bizi izan diren pertsonaia ospetsuen izena daramate, pertsonaiei mitoa erantsi zaielako. Eta ahal handiak eransten zaizkie: Atsularrez eta Atarrabioz erraiten zen deabruaren eskolan ikasiak zirela, Salamancan eta Zugarramurdiko harpean. Deabruari biziki hurbil dira, ikasle izatea filiazio modu bat baita eta, hori aski ez balitz, anaia ere deabru dute, borrokatzen duten ekaitzegilea. Ahaidetasun eta borroka horiek utzitako oroitzapen gisa zerbait eskas dute: itzala, aztala edo takoina, etsaiak eramanik eta, aldi berean, hark utzi zigilua edo zikatriza, herren izatea deabruaren ezaugarria da-eta (gogora Kastrexanako zubi-ko deabru errena). Anitzak eta desberdinak dira apez-sorginen abenturak eta bidaiak, airekoak bereziki. Ariztiaren bilduman (1980: 18), Atsularrek jakin zuenean “gure Aita Saindua deabruarekin esposatzera egun zohala”, bi deabru deitu zituen; bietarik arinenak eraman zuen Erromaraino (Azkueren bertsioan (1966: 69) galtzagorri batek egin zuen lan hori) eta hango mahai ederrean jarriak ziren deabru guztiak uxatu zituen gurutzearen bidez. Harri batez bi txori egin zuen apezak, ipuin kontalariaren ustez: “Geroztik Atsular apezari esker izan zen gauza bat ona: ez zirela gehiago esposatzera libro izan”. Zelibatua da atzerakoiek oroz gainetik atxiki nahi duten apezen eginbidea, nahiz eta hartatik datozkien maiz herritarren trufa mingarrienak, oso ugariak Europako tradizioan nola gurean, beherago ikusiko dugunez. Hain mihi-gaizto ez direnek ere ohartarazten dute, kondairek parada ematen dutenean, apezak ezkondu ez baina giltzaria edo neskamea badutela. Orozkon Axpuruko abadeak ospe itzela du bere kriadeagaz batera protagonizatzen dituen pasadizoengatik (ikus “Ura” kapitulua). Harekin aireko bidaia xoragarria egin zuen prakagorrien laguntzaz, istorio polit honetan kontatzen denez, beti ironiaz apaindurik: Maiatzaren zortzi batean, Urduñako “Ochomayo” eta bertako zezenketa. Axpuruko abadearen kriadea balkoian egoan, hasperenka: -Ññia! Oraintxe nor egon liteken Urduñan zezenak ikusten. Apezak entzun eta: -Gura dozula joan, ala? -Bai eta pozik joango nintzeke! Atera mamarroak (familiariak) jostorratz-ontzitik eta “rrriii”, laino bategaz, plaza ganean Urduñan, eta gan-ganetik ederto zezenak ikusten. Han zezenketan bere ei egozan besteren batzuk, mamarrodunak, eta batek esan ei euan: -Haiko han Axpuruko abadea bere kriadeagaz. Ez eutsien sinesten, baietza eta ezetza: -Gura badozue haren zapata ekarriko deutsuet. Esan eta egin. Zapatea ekarri, eta gero abadeak esan ei eutsen: -Ez badaustazu ekarten zapatea, bekokian fundituko deutsut adar bat. Adar hori funditu jakon eta, lotzatu ez egotearren, atzera emon eutsen zapatea. Gero, zezenketa bukatu zanean, etxera berriz bide beretik. Eta etorri orduan, ba ikaratuta kriadea; baina geroztik jakin euan ugazabaren prakagorrien berri, eta horrela egun batez haien jostorratz-ontzia topatu eta zabaldu egin euan (ikus istorioaren segida, “Emazteak I” kapituluan; Barandiaran, 1960: 107; Arana, 1996: 330-334, moldatua). Sorginen indar edo familiariengandik beste hainbat gauza miresgarri lortzen dituzte apez sorginek, batez ere egurra eta ura etxera ekartzea. IV. EIHAR-MEZA Edozein sorginek bezala jendeei kalte egiten ahal diete apezek, eta bere-berezko duten “eihar-meza”ren bidez. Eihar-meza hori erdarazko “meza beltza” dateke eta haren helburua etsaiak ihartaraztea da, hiltzea azkenean. Euskal Herriko apezengana ibili naiz erritu horren berri jakin nahiz, eta inork ez dit izena baino gehiago aipatu, ez bide dute deusik jakin gura holako kontuekin; halere barrez aitortu zidaten apez bati, ez hain aspaldian, bi eihar-meza emateko eskatu ziola norbaitek, eta apezak ihardetsi: “Bat zuretako emanen dut nahi baduzu”; eta hartan gelditu zela gauza. Alderantziz, Gaskoniako Messe de Sento Sècairo (Jondone Iharleren meza) baten deskripzio luze-zabala ematen digu Sébillot-ek. Behiala Biarnon eta Gaskonian oso hedaturik zen sineskeraren arabera, etsai bati mendekatzeko aski zen haren kontra eskumikua botaraztea apez bati; horren ondorioz, anatema pean zegoen pertsona esmeriatzen joaten zen. Apeza, eliza-atorra eta estola jantzirik, gainean kapa beltza ere, inprekazioen hamabi zerrenda erraten zituen, hamabi tortxa beltzek argiturik. Gaskonian bazen Sento Sècairo-ren meza, haren xedea baitzen norbait emeki-emeki iharraraztea. Oso apez gutik zekien horrelako meza ematen, eta haietarik tzar batzuk baizik ez zuten egiten, naski. Meza hori jende multzorik kokatzen ahal ez duen eliza batean bakarrik eman daiteke, hau da, hondamenetan edo profanaturik izan den elizan. Meza emaileak bere maitalea hartu behar du beretter, eta biok elkarrekin afari on bat eginik izan behar dira. Hamaiketako lehen zeinu-hotsarekin batera hasten da meza eta gibelekoz aitzina jarraiki, oren baten buruan amaitzeko maneran, gauerdian tanko. Beltza izan behar da ostia, eta ez borobila, lau puntakoa baizik. Apezak ez du arnorik kontsakratzen, haren orde ura edaten du, bataiatu gabeko haur baten gorpua bota duten iturriko ura. Gurutzearen seinalea ezker zangoaz egiten du eta lurrean, eskuin eskuaz eta bularrean egin orde. Gironde-n ematen omen zen horrelako meza eta 20-50 liberetan zen haren saria. Bigorren heriotza gaiztoko meza bazen (messe de male-mort); hil-hurren luze eta oinazegarria eragiten zuen. Neska bat seduzitu eta harekin ezkontzen ez zen mutila ihar eta hilarazten ahal zen, haren kontrako eihar-meza eginez; eta halaber ezkontzeko hitzeman eta senargaia uzten zuen neska. Amodio gaizto-ko mezak, alderantziz, etengabe atzeratzen ziren ezkontzak laster bururarazten zituen (Sébillot, 1968 IV: 238). Mendiben entzun dut bertako neska batek mutil batekin atxiki eta, utzi egin zuela funtsezko arrazoirik gabe, eta beste batekin ezkondu; lehen haurra ukaitetik hil zela neska hura, eihar-mezaren ondorioz, omen. Meza horrek ez dirudi Gaskoniakoa bezain pintoreskoa, baizik meza gomendatu bat, ustezko errudun bat iharrarazteko xedean emana. Batzuetan sorgin fama ordaindu behar izan dute apezek: Sébillot-ek (1968 IV: 237) kasu larri bat aipatzen du: Perche eskualdean, 1867an, La Loupe-ko apeza hil zuen gizon batek, bere burua libratzeko hark bota ei zion zorte gaiztoaz. V. APEZ EKAITZ KONJURATZAILEAK On eta gaitzaren arteko joan-jinetan, parte-txarrekoen kontra aritzen den apeza aurkitzen dugu, ekaitz konjuratzailea, hura ere sorginen etsaia finean, sorginen lana omen zelako tenpestak sortzea. Euskal Herriko leku askotan eta 1960raino guti gora behera, maiatzaren 3an hasi eta irailaren 14 arte - Gurutzetik Gurutzeraino - igandeko meza ostean apezak urten zuen Veni Creator Spiritus kantatzen, elizaren ingurua egin eta atean edo hilarrietako gurutze ondoan airea bedeinkatzen zuen sainduen letaniak erranez eta lau aldeetara ur bedeinkatua isipatuz (Marliave, 1995: 25). Osterantzean ere, hodeia zetorren bakoitzean bedeinkatzen zuen apezak, beti sakristauak edo beretterrak lagundurik (ikus “Ekaitzegileak” eta “Ura” kapituluak). Kristau ikusmoldetik zeremoniak duen zentzua esplikatu zuen XIII. mendean Jakob Varazze-koak bere Legenda Aurea-n, airean ibiltzen diren deabruek eginak direla ekaitzak adieraziz: Hodeia dakarrenean elizatik ateratzen dira gurutzeak eta aurrean ezartzen zaizkio hodeiari, (airean bizi diren) deabruek, errege soberanoaren guda-ikurra ikusirik eta hartaz ikaraturik, ihes egin dezaten (Varazze, 1967 I: 354, moldatua). Herritarren ikusbidean, berriz, mitologiako pertsonaiak izan daitezke deabru horiek, gure tradizioan Anbotoko Anderearekin edo herensugearekin asimilatuak. Kontua da, harri erauntsiak galaraztea inportantea baitzen laborantzarako, herritarrek konjuratzaileen beharra zutela eta, helburu horren atzean, elkarrekin edo aski hurbil ibili direla erligiotasun giristinoa eta herrikoia. Horrela Elizaren errituek denak kontentatzen zituzten: apezak modu kristauaz jendeak lagundurik, eta nekazariak beren antzinako sinesteei atxikirik. Beren aldetik herritarrek ez zuketen kontuan hartuko doktrinaren zuzentasuna, baizik errituen efikazia, eta horren arabera ordaintzen zituzten. Hodei konjuratzaileak hain dira ospetsuak non mirakulua bailitzateke laborari herri batean haien zerbitzuak ez ordaintzea eta haientzat etxola bat ez izatea kanpandorrean edo leku gora batean, hodeiei eta deabruei hurbilago izan daitezen. Herriek apustuak egiten dituzte beren artean, zeinek duen konjuratzaile azkarrena; batzuetan apezak direla konjuratzaileak. Zirkuluak egiten dituzte eta barnean deabruekin borrokatzen, hain gogorki non zapata bota behar baitieten joan daitezen, eta biziki akituak jalgitzen dira gatazka latz horietatik. Beren konjurua noraino heltzen den aldarrikatzen dute eta harro dira hodeia auzoen eremura igorririk, han bota duelakoan harria. Konjuru egiteko mezaren kanoneko hitzak erabiltzen dituzte, haien indarrez ogia eta arnoa Jesukristoren gorputz eta odol bilakatzen diren bezala, harri erauntsia ere ur bilakatuko dutelako ustean. Nolanahika nahasten dituzte latina, hebreera eta grekoa: “Per ipsum crucem, cum ipso cruce, Eli, Eli lama zabathani, agla, aglata, tetragranmaton, adonay, agios, otheos, ischiros, athanatos, eloim”, eta abar. Ez baitituzte bat ere konprenitzen, misterio espantagarriak kokatzen dituzte hitz horietan (Castañega, 1994: 57, laburtua). Manera ortodoxoak nahiago eta proposatzen ditu Castañegak: Zeinuak jo, jendeak bil daitezen elizara: apezak sagrariotik atera Sakramentua eta, haren inguruan argiak piztuta, Salve Regina kantatu eta misaleko otoitzak erraten ditu. Gero, Joanesen ebangelioa erranik, gurutzea hartu eta joaten da hilarrietara edo hodeia biltzen ari den aldera, eta han Gurutzearen laudeak kantatu (...): “Salva nos Christe salvator per virtutem crucis, qui salvasti Petrum in mari miserere nobis. Ecce crucem Domini, fugite partes adversae” eta abar. Eta behar izanez gero, gurutzea hodeiaren kontra lurrean finkaturik, sainduen letaniak erran. Horrela egin arren Jainkoak zigortzen badu, pazientzian eraman, eta ez horregatik modu onei -katolikoei- utzi (Castañega, 1994: 62, laburtua). Hamaseigarren mendeko era kanoniko horretaz, edo antzekoaz, egin izan da hodeiaren benedikazioa, oraintxe arte. Baina Castañegak arbuiatzen zituen modu heterodoxoagoak zituzketen mendi tontorretan eta herriek pagaturik iharduten zuten ermitariek, hala nola Ozkazeko San Antonikoak, 1895 arte iraun zuenak, eta Larrungo Santu Izpirituaren kaperakoak, 1897 arte. Larrunera Mendekostez joaten ziren herritarrak, euria eskatzera eta besta egitera; preseski jaietako “gehiegikeri”engatik debekatu zuten beila. Itxura, Urkiolan egon zen, 1910 arte, azken ermitaria (Marliave, 1995: 28). Ez dira sobera kanonikoak gaur egun Euskal Herri osoan kontatzen diren apezen eta ekaitz-deabruen arteko borroka epikoak. Hona Baxenabarreko ale bat: Ezterenzubin harri erauntsia, arada entzuten zen, arada. Hala erraiten duzie ziek ere? Harriaren azantza, harri erauntsia heldu delarik, haren azantza, arada, kliskita-klaskata, zur idorrez joka bezala da... zera, xalapartaren azantza egiten du. Eta arada hautemaiten zen, eta apeza eta beretterra galdeginik, kanpoan, elizatik kanpoan otoitzean ari zen eta ur benedikatia botatzen eta latinez otoitz, hitz mirakuluzkoen erraiten, sakratiak, sekretuzko hitzak. Eta apeza (enfasia) izerdi uharretan! Eta beretterra harritia hari so, eta hura ari zen bere zeretan eta: -Ezarrak zangoa ene zangoaren gainean. Eta beretterrak ezarri zien zangoa apezaren zangoaren gainean eta ordian ikusi zien Iturranburuko parrean -Iturranburu mendi bat da, ezta, Ezterenzubiko mendi bat- Iturranburuko parean ikusi zien hodeietan apeza borrokan debriarekin ari. Debria buztanarekin eta adarrekin eta guziak, e? Biloekin eta. Eta debriarekilan borrokan (enfasia) tira ahalarik! Eta ordian hartako zen apeza izerdi hola. Bistan dena, apezak irabazi zuen eta debria gibelarazi: ez zen jin harria, ez zen herriraino harria jin (Eñaut Etxamendik kontatua). Istorio honen Lapurdiko eta Bizkaiko bertsioak "Ekaitzegileak" eta "Ura" kapituluetan azaldu dira. Bideratzen dituzten sinboloen esanahian barnatzeko, oroitarazteko da ortzia eta guda uztartu dituztela mitologia batzuek: antzinako Mesopotamiako sumertar laborarientzat ekaitzaren triskantzak langoak ziren menditik behera jausten ziren nomaden inbasioak, eta Enlil ortzi-jainkoari alderatzen zizkieten. Shostakovitch-en Leningrad sinfoniako "Inbasioa" esaten zaion zatiaren leitmotiv errekurrenteko gerla danborren hotsak ezin hobeto girotzen ahal du Ezterenzubin gero eta gertuago entzuten zen erauntsiaren arada, kanoiak direla ostotsen burrunbak. Herriaren defentsan, ortzi-tropa apurtzaileen kontra borrokatzen zuten apezek, eta handia zen haien erantzukizuna, kausitzen ez bazuten herritarrek kontu eskatzen baitzieten (Satrustegi, 1980: 108). Sébillot-ek kontatzen digu (1968 I: 108) Alpeetan, XIX. mendeko hasieran, exorzizatzera behartzen zituztela apezak, eta biziki preziatuak zirela arrakasta biltzen zutenak. Arestian aipatu metodoak erabiltzen zituzten, gurutzea erakusten hodeiari, ostia ere bai, eta ostiari berari mehatxu egin zion apez batek, lohitara botako zuela ez bazen deabrua baino azkarragoa. Baina kasu huts egiten bazuten eta harriak uztak suntsitzen bazituen! Anitzetan gertatuz geroz herritik joan behar zuen apezak. VI. APEZ EKAITZEGILEAK Sorgin izan daitezkeen bezala, ortzigileak ere izan omen dira apezak. “Ekaitzegileak” kapituluan airean ikusi ditugu hodeia zuzentzen, eta lurretik ere berdin egiten ahal zutela diosku Sébillot-ek, sorgin arruntek erabiltzen zuten modu berdinaz: Saintongen esaten zuten antzina apezek harri erauntsia eragiteko ahala bazutela, aski zutela urmael, iturri edo ibaiko ura jotzea zaharo miresgarri batez. Zehaztua ez den lekuan, hiru biltzen omen ziren urmael batean, urari irabiatu eta uherrarazten zuten, lohiarekin nahasiz: horrela abazuzaren legamia sortarazten zuten eta eskualde guztia xehatzen (Sébillot, 1968 II: 439). Eure eta Orne departamenduetan uste dute, brebiarioan diren formula magikoei esker, apeza hodeietara igo eta abazuza botatzen ahal duela zigortu nahi dituenen soroetara (Sébillot, 1968 I: 109). Santa Garaziko Etxeberri erretoreak bazuen indar handia eta, bolbora baitzen, batek baino gehiagok jasan omen du haren zigorra (Ott, 1993: 109): igandean lan egin behar zuten bi gizonetarik batek baimena eskatu zion apezari, besteak ez; Etxeberrik jakin zuen eta sumindu zen: izugarrizko euria egin zuen bi egunez eta baimena eskatu ez zuenaren uzta guztia galdu zen; apezaren mendekua izan omen zen, besteen soroetan ez baitzen batere kalterik gertatu. Istorio xelebrea bildu du Garmendia Larrañagak elizgizon ekaitzegile bati buruz: Oiartzungo komentuko praile Txanbenat eta erretorea elkarren jelos ziren. Txanbenatek Iruiñera joan behar zuen batean, apezak konjuru egin zion harri-jasa prailearen bizkarrean eror zedin. Bidean eguraldi aldaketa ikusi zuen praileak, igarri zuen erasoa bere buru gainera zetorrela eta erretorearen lana zela. Baserri batean behi-larru bat eskatu, burutik behera jantzi eta apezaren sagastira joan zen; dena loretan zen eta arbola azpitik arbola azpira ibili zen, lore denak harriak txikitu arte. Gero Iruiñera joan eta, handik etorrita, apezarengana; eta hark: “Ondo egin al duzu bidaia? - Bai, oso ongi, eta zuk nola daukazu sagastia? - A, ez dakit, aspaldian ez naiz izan eta. - Ba, joan behar zenuke eta ikusi ea nola dagoen”. Joan zen eta dena txikiturik ikustean pentsatu zuen: “Horri inork ez ziok pegatzen (ziria sartzen)” (Garmendia 1991: 81, laburtua). VII. APEZ KONDENATUAK ETA ARIMA ERRATUAK Apez mitiko gehienak mundu honetakoak dira, baina bada hemengoa izanik beste munduko bilakatu denik, hala nola Apez kondenatua. Euskal Herri osoan kontatzen da haren istorioa eta bilduma anitzetan jasoa da. Etxebarriak (1995: 17-32) jatorri desberdinetako aleak elkartu ditu. Hona kondaira tipoa: Bazen apez bat ehiztari amorratua. Behin, meza ematen ari zelarik, ehiza-orak entzun zituen, “txi-txau, txi-txau”, erbi baten ondotik. Sagara zen, eta gure apezak bertan utzi ostia, xixpa hartu eta txakurrekin erbiaren gibeletik abiatu. Geroztik kondenatua dago airean ibiltzera, erbi eta ehiza-oren ondotik. Txikiak “iu-iu” egiten du eta handiak “auh-auh”. Haize eta ekaitzeko gauetan entzuten dituzte bereziki, eta Amezketan diote hura pasatzen denean hamalau eguneko tenpesta datorrela. Anbotoko Anderea ere, bere sorreraren bertsio guti batzuetan, Jainkoak zigortuta zen airen ibiltzera (Arana, 1996: 294). Otxandianon diote Anderearen lehengusua dela abade kondenatua (Azkue, 1959: 368). Batzuetan apez horren bizitza Atsularrena bezalakoa da, deabruaren eskolan ikasi eta gero konjuratzaile izanda (Azkue, 1966: 241). Ehiztari-txakurrei hainbat izen ematen zaizkie Euskal Herrian gaindi: Abade-txakurrak, Martin abadea, Mateo Txistu, Pisti Joan (Preste Joan? ), eta Dohoztin Salamon Erregea, herri horretan ehiztaria ez baitzen apeza, meza entzulea baizik (Barandiaran, 1962b: 17 eta 86; 1984: 174). Gaskoinian Arthur erregea ibiltzen da bere ehizaren ondotik. Antzekoa da Frantzian “mesnie Hellekin” delakoa; Hellekin zerua zeharkatzen duten hilen gidaria da, horregatik “infernuko ehiza”, “arima erratuen tropa” edo “armada furiosa” ere esaten zaio tropa horri (Sébillot, 1968 I: 165; Ginzburg, 1992: 113). Arima erratuen artean apezak ere badira, eta Sébillot-ek ematen digu haien berri: Batzuetan hil osteko penitentzia bete behar dute elizgizonek. Plévenon-en (Bretainia), bizitza tzarreko fraileen arima erratuak ibiltzen ziren Château-Serin-eko tumuluaren inguruan. Côtes-du-Nord departamentuan, Hunaudaye-ko gazteluko harresien gainean ere ikusten ziren usu fraileen prozesioak, hamaikak eta gauerdi artean (Sébillot, 1968 IV: 254). Apezen arima erratuak ugariak dira gure legendetan. (...) Haute-Bretagne-ko leku anitzetan agertzen zirela esaten dute: penitentzia egitera kondenatuak dira, bizitzan egin dituzten bekatuengatik eta, batez ere, ordainduak izan ondoan eman ez dituzten mezengatik (ibid. : 441). Bretainian beti, eta Le Braz-ek dioenez (1994: 312), horrelako arimek norbait bilatzen zuten, emana ez zuten sakramentua jaso zezan. Euskal Herriko tradizioan guti entzuten da apezen arima erratuez eta, komunzki, meza bat eman edo bururatu barik utzi dutelako agertzen dira. Horra zer gertatu zen Iratiko Salbatoren: Gau batez, goizaldera, Salbatoreko kaperan argia bazela ohartu ziren goraxagoko oihanetik artzainak. Biharamunean berdin eta hala-hala aste oso batez. Laztura batek hartu zituen, ea ez ote zuten bazka-tokiz aldaratu beharko. Bainan toki gizenaren uzteak dolu egin eta hasi ziren behar zutela ikusi zer zen argi hura. Ur benedikatuaz ongi zinaturik, arrosarioak baina makila ere eskuetan, abiatu ziren goizalde batez, eskuak elgarri emanik. Eliza hetsia eta, bat ausartu zen gako xilotik behatzera: aldareko argiak pizturik, eta haren oinetan apez bat xutik, mezarako soinekoak soinean zituela. Artzainei ohartu zitzaien apeza eta hasi zuen bere meza. Eta artzainetarik batek kanpotik ihardets, ahalik eta hobekiena: “Et cum spiritu tuo” edo “Amen”, apezak segitu eta akabatu bere meza. Gero itzuli zen ateari buruz eta begitarte-begiak lorietan oihu egin: -O! Milesker arima onak, hoinbertze urte hauetan beha nindagon, meza hau erran beharrez zeruan sartzeko! Nehor ez zen hemen sekulan neri ihardesteko. Ez zaituztet zeruan ahantziko. Eta horrenbertzerekin suntsitu zen. Sekulako bildotsak izan zituzten urte hartan gure artzainek. Benan ez toki heietan beretan: bazkaz aldaratu ziren biharamunean berean (Barbier, 1931: 124, laburtua). VIII. ISEKAK: APEZ EMAZTEZALEAK, JALEAK Zelibatuaren goraipamenarekin batera haren ondorioak aipatu dira gorago: apezei buruzko susmoak eta esamesak. Berriemaile zenbaitek leporatzen diete eliztarrei infernuaren beldurra sakatzea, bereziki sexu bekatutik aldentzeko, eta gero berek gura duten guztia egitea, zehazkiago neskameekin bizitzea - eta ez soilik etxe berean (Arana, 1996: 335 eta 338). Horrez gain, besteei haurrak egin behar dituztela esaten dieten bitartean, beraiek, haur-ardurarik gabe eta familiako kargak eraman barik, berdin sexuaz gozatzea. Emazteen atzetik ibilki itxuratzen dituzte elizgizonak kopla batzuek, hala nola Oskorrik abesten duen “Kyrie eleison”-ek edo Hiru Trukuren “Leixibatxoa”-k; haietan protagonista diren fraileak apezen pareko izaten dira ahozko tradizioan. Irudi berari jarraiki zaizkion zenbait kondairatan apez emaztezaleak ez dira ordaindu gabe ateratzen, Orozkoko Eulali Bilbaok esandako honetan, adibidez: Maria Garzia andra ederrak gizonari salatu deutso: -Abadea etorten jat zu lanera joaten zaran orduan. -Ba, badakizu zer egingo dozun andra? Hori abade hori eroan egizu kortara eta gorde egizu ira-piloan, eta ni joango naz hara, beharrak egitan. Hala egin euan andrak, eta senarrak gero kortara jo: -Ene! Han behia txarto dago, ekarri egizu sarda, nik egingo dot hemen garbi-ikuzia. Sartzen du kakoa ira-piloan eta abadearen gona xigorretik kanpora, sotanatik. Eta gero sakristaua -biak egon zirean gordeta. Hurrengo eguna domeka zan eta abadea, “Dominus obispo” egiten joan zen orduan, bueltatu, Maria ikusi eta esan ei euan: -Hor dator gure Maria Garzia, ederrik eta galantik jantzia. Eta sakristauak kontestatu eutsen: -Bai zuri eta niri ondo kostea, fraka txirkolatik bart kortati ondo tarraz aterea. Kontalariak esan ez badu ere, pentsatu behar da abade-sakristauek zerbait ordaindu behar izan ziotela Mariari, Webster-ek bildu istorio bateko bi apezek bezala: Apezek bisitatzen zituzten senar-emazte batzuek pentsatu zuten sos zerbait kendu behar zietela. Eta egun batez, beraz, senarra ustekabez heldu da etxera: bisitari bat (bikarioa?) barrika batean ezkutatu da, bestea (erretorea) labean. Handik jalgi ahal izateko dirua eman behar dute, baina erretorak, halere, ezin izan du atzealdea suaren ausikitik salbatu. Hurrengo igandean azaldu zen Maria bezperetan, eta apezek elkarri: -Orduz goitiko Mariaren urguillo handia! Bertze horrek bazekik hire eta nire moltsaren berria -dio batek. Eta erretorak: -Zuek bezala nik izan banu dirua, ez nuen izanen gibeleko aldia errea (Webster, 1993 I: 17, laburtua). Sébillot-ek (1968 IV: 248) tipo bereko kontakizuna entzun zuen Bretainiako Côtes-du-Nord departamentuan, amaiera larriagoa duena: emaztea bisitatzen zuen frailea bogadako upelean ezkutatu zen, etxeko morroiak ur irakina bota zion gainera eta bertan egosi. Sébillot berak (ibid. : 235) kontatzen du nola apez batek, amodio solasetan atxemanik landetan, galtzak utzi behar dituen arinago ihes egiteko; eta beste batek sotana erantzi, arrazoin berarengatik. Jale gizenarena izan da apezen beste irudi tipiko bat. Benedikazio edo errogatibak kari oiloak eta axuriak ematen baitzizkieten, ez beti gogo onez, eta “Ventre de curé, cimetière de poulets” erraten zuten Zuberoan; eta handik ez urrun Sébillot-ek jaso duen esaera (1968 IV: 233) “le dire béarnais ‘Sorcières et loups-garous font manger des chapons aux curés’ (...), d'où l'expression ‘Cemiteri de capous’ ”. Bizkaian diote, “Abadearen lapikotxoa txikerra baina goxoa”, esan nahi baita egoskari baino txitxi gehiago duela. Bestalde, atez-ateko fraile eskelariek tripazorro fama izan dute; amama bati askotan entzun diot, janari gehiegi ikusten zuenean: “Monteagudoko fraile guztientzako haina baduzu hor”; eta beste amamari, orduz kanpoko bisitariez: “Hori fraileak bezala, beti bazkal orduan ageri”. Gratacos-ek (1995: 65) “don réticent” gisa kalifikatzen du Comminges eskualdean San Bladi egunean apezari eramaten zizkioten txerri-zangoak, usu gogoz kontra egina zelako. Beti ematez asperturik ziren jendeentzat ideia dibertigarria zaketen apezen gutizia baliatzea beraien engainatzeko, eta hortaz ere istorioak badira, bide batez apez zozoaren tipoa aurkezten dutenak. Vinson-ek 1973: 103) eta Webster-ek (1993 II: 35) jaso dute bertsio bana, bigarrenarenak izenburu esanguratsu duena, “Aphez atzipakorra” (engainakorra). Maltzur batek erretoreari sinetsarazi dio erbi eskolatua baduela, mezuak laster-lasterra eramaten eta ekartzen dituena; apezak piztia bereganatu nahi du, eta biziki kario ordainarazten dio jabeak; gero, berriz, hilak berpizten omen dituen txirula erosarazi dio, eta erretoreak, tresna frogatzeko, bere giltzaria hil zuen; azkenean, itsasoko uhinak ardiak direla erakusteko aitzakiaz, maltzurrak urera bota zuen apeza, eta hantxe ito zen gaixoa. Frantziako erran zaharretan apez onaren aipamena askotan bilatu eta sekula aurkitu ez duela esaten du Sébillot-ek (1968 IV: 230-236); haien presentzia soila zoritxarreko seinalea omen zen eta, ikusten zituztenean, gurutzearena egiten edo burdina ukitzen zuten jendeek, XVII. mendeko predikatzaile batek salatu zuenez. IX. APEZ OSAGILEAK Ez da dena irudi txarra apezena, arrunt alderantzizkoa bada, eta ongileak azaltzen dira askotan Euskal Herrian, larritasunen eztigarri eta erien sendatzaile. Behorlegin entzun dut herrietan bazirela zenbait biziki onak, anitz gauza ezagutzen zituztenak eta bazekitenak noiz zer egin behar zen: haiekin konfiantza osoa zuten jendeek eta, medikuaren ezean, haiengana jotzen zuten kinka larrietan, baita anitz gauza erdiesten ere. Mende hasierako Eiheralarreko erretore bat, Lesgard irisartarra, otoitz erraile handia zen – bere larderiaz ere ezaguna, bestalde. Hain zuzen gure berriemaileari, haurra zelarik, burua gibelerat itzulirik jarri zitzaion emazte batekin samurtu ondoren, eta erretoreak erran zion haren amari zer otoitz egin behar zuen burua behar zen bezala jin zekion. Ustezko sorgin bat baitzen eritasunaren sorburua, hark bota begizkoa neutralizatu zuen apezak. Zugarramurdin ere, bertako Julia Barberenaren oroitean, izugarri famatuak ziren apezak, jendeak sendatzen zituzten eta inguruko herrietatik etortzen ziren anitz, ebangelioak irakur ziezazkieten, liburuan, bistan dena. Batez ere beiletan irakurtzen zizkieten apezek ebangelioak eliztarrei, eta gauza on anitz biltzen zituzten haien bidez, ez jakin apezen indarraz ala ebangelioenaz, edo bienaz. Mendibeko Salbatoreko beilan mutuak sendatzen omen zituzten apezek, eta deabruak ere ateratzen zituztela deabrutuen gorputzetik entzuna zuen bertako Maiana Monfortek. X. APEZ ERREKERITZAILEAK Errekeritzea erraten diote Izuran exorzismoari, jendeengandik deabrua botatzeko erabiltzen zen errituari. Baina ongi kausitzeko ez omen zen aski apez on bat, arotzak behar zuen lagundu, Maddi Casaubon izuratarrak xaharrei aditu dienez. Izan ere, apezaren benedikazioengatik deabrutuaren soinetik alde egiteko behartua zen deabruak erraten zuen temati: “Mihitik joanen nuk, mihitik joanen nuk, mihitik joanen nuk”. Eta arotzak berriz: “Ez, zangotik joanen hiz, zangotik joanen hiz eta zangotik joanen hiz!” Zergatik komedia hura? Mihitik joanez geroz mihia eramaten zuelako errotik; aldiz, zangotik joanez zapata baizik ez zuen eramaten. Eta Atsular bezala geratuko zen deabrudun ohia, txerrenek marka oinean, zapatarik gabe. Etxe batean arima herraturen bat ibiltzen zenean, berdin, apezak errekeritzen zuen. Bretainian (Le Braz 1994: 394), herratzera kondenatuak ziren hil batzuk biziki tzarrak ziren eta ez zitzakeen edozein apezek konjura, horretarako ez delako nahikoa ofizioa ezagutzea, beso azkarra ere behar da, izugarri gogorra baita borroka: akituak, zuri-zuriak eta izerditan ateratzen ziren borroka hartatik errekeritzaileak; azkenean estolaz lotzen zioten lepoa kondenatuari eta, txakur itxura zuela, landa desertu batera eraman eta han egotera agindu. Gizotso edo banpiroetatik ere begiratzen zuten herria: Normandian, XIX mendearen hastapenean, hilarrietara joaten ziren apezak, gauaz, zenduak xuxen ibiltzen ote ziren begiratzeko: kondenaturen bat gizotso bilakatzeko mainak bazituela asmatzen bazuten, hilobia zabaltzen zuten, haitzur berri batez gorpuari burua moztu eta ibaira botatzen zuten (Sébillot, 1968 IV: 241). Horietan sinesten duten jendarteentzat zerbitzu publikoa betetzen zuten apezek. Dena gezurra eta iruzurra dela pentsatzen den mementotik hasten dira mesfidantza eta aieruak, sistema ez baita gehiago ibiltzen: zergatik orduan ordaindu behar? Aspaldikoa baita eszeptizismoa, aspaldikoak dira satirak ere. Hargatik, sinestunek kontatzen dituzten istorioen arabera, ongi merezitua zuten apezek saria, haien eginkizunak ez baitziren arriskugabeak eta lan istripuak ere gertatzen ahal ziren. X. APEZ HEROI SALBATZAILEAK Kaltegarritzat hartzen diren herensugearen eta basajaunaren garaileak dira apezak eta noizbehinka larrutik ordaintzen zuten, heroi salbatzaileak usu hiltzen baitira borrokan. Zuberoan, Altzaiko herensugea kalitu zuen Athagiko zaldunak, adibidez, bizia utzi zuen ekintzan, piztiaren pozoiak odola ur bilakaturik edo beldurrez (Cerquand 1986: 94). Baina herria libratu zuen. Berdin badira apezak ere herritarrak laguntzeko hilak. Gorbeiako Supelegorren bizi den Anbotoko Andere ekaitzegileari bere harpean konjurua bota ziezaion eskatu zioten artzainek apez bati; egin zuen, bai, baina sotana erre zitzaion modu bitxiaz eta laster hil zen, ikaraz (Barandiaran, 1973b: 340-43). Apez mitikoek, sakrifizioa bilatu gabe, maiz onartzen dute beren funtzioak dakarkien arriskua: Orozkoko San Juan auzoan hil zen gizon bat; eta ez ei zen jende ona izan. Eta gauean agertzen zen gero gaztainondo baten gainean, dena su eta gar, oihu ikaragarriak egiten. Herritarrak beldurtuak ziren eta elizgizonei eskatu zieten zeozer egin zezaten. Eta fraile bati tokatu zitzaion agertuari aurre egitea. Joan behar izan zuen, beraz, eta oihukariak galdegin zion hil ostean jantzi zioten habitu bedeinkatua ken ziezaion, harengatik handiagoak zituen-eta infernuko oinazeak. Fraileak, kondenatua ez ukitzeko, kako bategaz kendu zion habitua. Gero etxera joan zen eta ez zuen gehiago urten: ikaraz hil zen, odolak bihurturik. Kondenatua ere ez zen gehiago azaldu eta bakea izan zuten auzoan. Leku horri Kako-erreka deitzen diote geroztik, kakoagatik (Arana, 1996: 138; Barandiaran, 1973b: 57-61; moldaturik). Herria munstrotik begiratzeko bere bizia galdu zuen fraile hau gorago ikusi dugun apez atzipakor eta irringarriaren kontrapuntua da, inbertsioa ere, bien heriotzak alderatzen baditugu. Ohar berezia merezi du kondaira honetan habituak ekarri zuen ifrentzuzko ondorioak, salbazioan lagundu ordez kondenazioaren oinazeak areagotu baitzituen. Istorioaren Azkueren bertsioan (1966: 364), fraileari ez zitzaion balio erabili zuen gurutzea, eta berdin hil zen. Mitologian aho bikoak izaten dira armak, edo huts egiten dute, eta Elizakoak ere hartara makurtu behar izan dira, moldatu egiten baititu tradizioak bere erara. Halaber apezak, kristau jatorrizkoak dira baina paganismoak eraldatuak eta bere sistemara bilduak; eta harrezkero, kontraesankorrak dira ikusbide anitzetatik. Ahaltsu eta garaileak maiz, Elizaren indar eta talisman magikoak eskura dituzten ber –ur bedeinkatu, bedeinkazio, otoitz, liburu, estola... Eta halere petxero eta pekatzaileak batzuetan, infernutarren kontra eta hilaren ukitu kaltegarritik babesteko nahiko azkarrak ez direnean erabiltzen dituzten armak, kakoa zein gurutzea. Tradizio zaharreko apezak jainkoaren zerbitzari dira eta, aldi berean, deabruarekin ikasiak; heroiak eta anti-heroiak zein hurbil diren erakusten digute, zein erraz pasatzen den batetik bestera eta mitologian zein mehea den onaren eta gaitzaren arteko muga. MUSIKA ° Sarrera gisa Matiuren Ebangelioko bigarren zatia, “Cum natus esset Jesus”, München-go Capella Antiqua-ren Gregorainische Gesänge diskatik hartua. https://www.classicalarchives.com/work/595516.html ° “Veni Creator Spiritus” gregorianoa, airearen bedeinkatze aipatzearekin batera. https://www.youtube.com/watch?v=5eQvN3aYvXc ° Hodeia konjuratzean eta errogatibetan kantatzen ziren latinezko letanien faltan, Joan Krisostomoren liturgia ortodoxokoak entzuteak kutsu exotikoaz tindatuko du gure tradizioa, "Ora pro nobis" orde "Hosspodi pomiluj" (kyrie eleyson) errepikatuz (Die Heilige Liturgie der Ostkirche disko zaharretik, Harmonia Mundi). https://www.youtube.com/watch?v=SS6UmaN7-Uk ° Shostakovitch-en Leningrad sinfoniako lehen mugimenduko "Inbasioa" deitu zatia, apezaren eta ekaitz-deabruaren arteko borrokan. https://www.youtube.com/watch?v=gGnv23IRDvM ° Oskorriren “Kyrie Eleyson” eta Hiru Truku-ren “Lixibatxoa”, apez emaztezaleen kari. https://www.youtube.com/watch?v=OQMgDtCEeXI (39:15ean hasten da “Lixibatxoa) * Bach-en Matiuren araberako pasioaren bukaera, herriaren alde bizitza galdu dutenen oroimenez eta omenez. https://www.youtube.com/watch?v=18EMloAEugA VIII. kapitulua BIDARRAIKO HARPEKO SAINDIA10 Hunkidura handia eragiten dio bisitariari Harpeko Saindiak, lehen aldikoz ikusten duenari bereziki, leku berezian baita. Harpean izan zen Alsaziako emazte batek horrela idatzi zion haraino lagundu zuen Marixan Zedarri Bidarraikoari: Ezin dizut idatzi harpe hura ene oroitzapenean irudikatu gabe. Zorion handia da enetzat horrelako leku paregabea ezagutu izana. Beldurra ere ematen ahal du, eta emazte bidarraitar batek hori bakarrik oroitzen du: Ez naiz ongi oroit, bakarrik behin izana naiz amarekin, zazpi urte edo nituelarik. Gero, buhameen bestara joan nintzen, “Saintes Maries de la Mer”, eliza batean egiten da, lurpean... Biziki inpresionatua nintzen: “Oi ei ai! Ez dut holakorik ikusi ere nahi, jadanik ikusia dut ene herrian, haurra nintzenean, Saindu hura mendian, harpe batean, beldur ematen daut!” Hainbesteraino inpresionatuak zirenek oinez egin behar izaten zuten bide osoa –orduan ez zer errepiderik-, hastapenean errekako oihanpe ilunean eta gero mendi-mendian. I. BIDEA Bidarraiko Noblia zubitik Harpeko Sainduraino bada bost kilometro luze, kasik bi oreneko bidea. Beilari arrotzak bururaino laguntzen zituzten bidarraitar haurrak oroit dira zein gogorra zen ezagutzen ez zutenentzat: Zinguriak eta negarrak ibiltzen zituzten, urrun baitzen Harpeko Saindia oinez. Bainan gero, han sendatzen zirelarik, bistan da, denak kontent (Marixan U. ). Errobi ibaira isurtzen den Baztan errekan gora, Ezpata auzoan barna, Infernuko zubia pasa eta, ezker aldetik jarraiki Bernateneko malda azpian ura gurutzatu arte, Harruseraino segituz, beti errepidean. Harrusetik hara oinez ibili behar da harperaino, GR 10 xendratik, aldapan gora lehenago eta mendi-saihetsean gero. Orain seinalizazio panelak badira gainera, ez euskaraz, “Le Saint qui sue” baizik (Izerdidun Santua). Harpearen heinera heldu eta, eskuineko mazela xutean ikusten dira blokez egin mailak: hantxe gainean da harpea. II. LEKUA Harpeak hiru angeluko forma du, erpina goian duela. Bost metro zabal, bost sakon eta bost luze eman zizkion Barandiaranek ahoari. Gela barneko ezkerraldean hamar maila badira, pasaia hertsi eta labur batera buruz, eta haren muturrean dago Saindia: argia eraman badugu, harri bat ikusiko dugu, estalagmita bat, jende gorputzaren itxurakoa -bizkarra erakusten omen du- baina bururik gabe, 1,10 metro gora eta 0,20 zabal. Harriari ura dario eta sabaitik ere xortak erortzen dira. Horrek guztiak zirrara nahikoa ematen du: “Sesitia zira, pertsona bat zira eta ilun da xoko hartan”, erraten zuen Marixan Zedarrik, lehenengoz hartaz mintzatu ginenean, 1982ko irailean. Gauza anitz ikusten dira harpean, bisitariek utziak: 1982ko agorrilean, inkesta hasteko zerrenda egin nuenean, mokanesa asko zenbatu nituen, bai oihalezkoak, bai zelulosazkoak. Haur atorrak eta zapiak (zelulosazkoak ere...). Erramu eta inarra sorta bana. Lourdesko Ama Birginaren irudiak. Marmolezko plaka batzuk, hilarrietan ikusten direnetakoak, batean grabaturik “A mon parrain”, beste batean “Souvenirs”, beste batzuetan “Merci St. Bidarray” edo “Merci”. Paper tiki anitz tolestatuak eta haitzaren arrailetan sartuak, haietan otoitzak (“Begira gaitzazu”) edo eskerrak idatzirik. Familia Sainduaren metalezko plaka bat, eta beste bat Santa Teresarena. Arrosarioak, metalezko eta zurezko gurutze tiki andana -bi ziriz eginak- eta arrosario gurutze tiki asko, medailak ere anitz. Tortxak eta, pausatuak izan diren hormako harrian, haiek utzi negarrak. Meza liburu bat haitzeko goi malda batean. Dirua biltzeko kutxa bat eta txanponak haitzaren zirrikituetan. Horrelako gauzak ikusiak nituen harpera joana nintzen guztietan. Alabaina, 1982ko agorril hartan ez ohikoak ere baziren, orduan bakarrik atzemanak: Intsentsu pakete bat (Spiritual Sky, hippy garaia zen); baziren ere oihalezko xingola handiak, kolore bizikoak, urrundik agertzen zirenak eta, itxura, harpea apaintzeko asmoan ezarriak; ihi tortxak ere bai, jadanik erreak, eta aipatu plaka batean, “Merci” gainean, “Eskerikasko (sic) Andere Mari”, gorriz idatzia. Gazte talde batek dekoratu omen zuen harpea gau batez eta, Mariren izenak salatzen duenez, Barandiaran irakurri eta aitzineko erritu paganoren bat berritzeko nahian edo. Barandiaranek, 1945ean egin ikerketan, txanponak aurkitu zituen, bai diru-kutxan (Bidarraiko apezak biltzen dituenak), eta bai harriaren gibelean, hau da, Saindiarentzat berarentzat emanak izan bailira, eta ez elizarentzat. III. ERRITUA Gauza horien guztien zergatia Harpeko Saindian betetzen diren errituek esplikatzen dute. Saindiak bere gorputzari darion uraren bidez sendatzen du, bereziki azaleko eritasunak, negala eta holakoak. Saindiaren gorputzeko hezeari izerdia erraten diote (hortik, “le Saint qui sue”). Eriek mokanes batez hartzen dute ur hori eta hartaz torratzen dute larruko mina. Gero mokanesa bertan uzten dute anitzek, eskaintza gisa, edo, batzuek diotenez, eritasuna hartan gelditzen delakoan. Eria ezin bada Sainduraino joan, beste norbaitek eramango dio botila batean harpeko sartze azpian isurtzen den ura; baina, diotenez, hobe da norberak bertan torratzea, zuzenago egiten baita. Bidarraiko berriemaile batzuek deskribatu zuten erritua, eta honela egin zuen Beronika Karakoetxeak: Han jendeek, izerdi hartaz, minak edo zer zituzten torratzen zituzten. Ekzema zerbait balin bazenin, han, ur hartan, ura heldu delarik, mokanes edo zerbaitez hura torratuz, saindu hura torratuz, ur hartaz garbitzen zenitin haiek (minak). Eta hek ere (mokanesak) han uzten: mokanes edo zerbiet berdin, edo oihal harizko bat berdin. Eta hango uretik ekartzen zen etxera, xortaño bat beti. Gutiz gehienek harpean berean egitekoak egin eta etxera eraman ohi dute ura; dena dela, idorte denean, Sainduak ez du izerdirik ematen: Orain (1982ko irailean) ez da urik, agortua dago; baina bada erreka ttipi bat, hola, peko aldean, eskuinean, eta hartan hartzen dute jendeek ura. Zeren eta Saindiak emaiten duen uretik ez duzu botoilan ekartzen ahal, egun guztia otoitz eginik ere: han berean eskia pasatu eta zure buria pasa, oraino, bainan ez botoilean ekartzeko (Yvonne E.). Saindiaren izerdia lortzeko, haren gorputza torratu behar dela zioen Jose Mari Kastantxok: Han, bizkar hori, ipurdiko gain hori, torratzen duzu eta izerdia heldu da hortik: torratzen ez baduzu pitxik ez da heldu. Batzuk mokanesarekin torratzen zuten hura, eta nun duzun arrengura harekin torra. Eta berriz denak (mokanesak) han uzten, xukatzen (...) oroitzapeneko uzten zuzten. Otoitz ere egin behar da, Yvonne Elorgak eta Maiana Bernatenekoak hitz berdinetaz baieztatzen dute: “Lehenago erraiten zuten zuk otoitz eginago eta harek izerdia ematen zuela gehiago”. Lagungarria baino areago premiazkoa, batzuek uste dute otoitz egiten ez bada ez dela pitxik heldu. IV. OTOITZA ETA ESKAINTZA Ez da otoitz berezirik, elizan bezala egiten zen, belaunika ere bai: Izan naizela harat, bidea erakusterat jendeekin, arrosorio osoa otoitz egiten zuten. Arrosorioa egiten da, hura eta Agur Maria. Gero mokanesa busti eta arrenguran torratu (Maiana B). Lourdes-en Ama Birginari nola egiten da? Galdegiten duzu han: bistan da, ez oihuka, baina galdegiten da arrengura delarik (Mari K.). Batzuk, hona jiteko, Harpeko Saindura jiteko, beren koosioa (kofesioa) eta komunionea eta dena egin egiten direnak: koosaturik eta komuniaturik, Bazkoak egiten diren bezala, hala-hala egiten direnak, hainbertzeraino debozionea gogoan harturik, eta nahiz resultat on bat izan (...): “Beno, orai behar dut berriz koosatu eta komuniatu eta gero berriz joanen gira Harpeko Saindura, gure eskerren bihurtzera Saindiari”. Hara, nik hola aditu izan dut jendeer erraiten (Beronika K.). Beila egin aitzin edo beilan berean konfesatzea aspaldiko ohitura da: XIII. mendean Donejakueko bidariek hala egiten zutela dio Legenda Aurea-k (Varazze, 1967 II: 477). Bietan dute parada debotoek Saindiari eskaintzak uzteko: lehena zerbait eskatzera joaten direnean, bigarrena, hura erdietsi eta, eskerren bihurtzera berriz joatean. Eskaintzak zer nolakoak diren ikusi dugu gorago: harpean atzematen ahal diren gauza guztiak. Mokanesak uzten zituzten xukatzen, oroitzapeneko uzten zituzten. Eta gero sosak: batzuk sos bat, bertze batzuk bi sos. Hola, bakoitzak ahal zuena. Eta gurutze ttipi batzu ere bai. Ganibetaz egiten dira, erramiarekin: ziri batzu egin, hura arraildu eta ezartzen zituzten han, peñaren kontra, zonbaitzuk (Jose Mari K.). Jendeek tortxak han uzten dituzte pizturik eta medailak. Edo uzten zuten arrosorio bat, edo oroitzapen bat, edo sosak (Mariena B. ). Denek emaiten zuten edo dirua edo zerbait uzten. Zonbait aldiz haurren arropak uzten zituzten han, ez sendatu ondoren bainan sendatu baino lehen, lehendabiziko aldian. Eskaintza egiteko egiten zuten, ene gostuko: eriaren eskaintza, haren zerbait iduri izateko han. Gero sosa ere uzten da (Marixan U. ). Aditu izan dut nik jendeer, zonbaitek arrosorio pare bat uzten, bertze batzuk berdin mokanes batzu, bertze batzuk fulard batzu, bakoitzak zer ideia zin. Bertze batzuk berriz, sosak uzten (Beronika K.). Mesede bat lortu dutenek, bereziki, uzten dute zerbait. Sendatzen dena ez bada berriz etortzen, mina berriz ateratzen zaio. Hori ere ikusi izan dut (Angela H.). Erremerziatzera jiten dira, ordion uzten zenitin edo saindu batzu edo arrosorio batzu... (Beronika K.). Sendatu nintzelarik izan nintzen erremerziatzen. Geroztik ere izan niz (Jose Mari K.) Zonbat aldiz ikusten dira zilarrezko gauzak eta, bistan da, han beste jendeek ebasten dituzte. Izaiten dira biziki gauza pollitak, zonbait aldiz, gurutze batzu biziki ederrak. Eta gero faltatzen ziren handik; aldi batetik bestera, beti baziren gauzak eskas (Marixan U. ). Nik ezagutzen dudan neska bat Amerikatarat joan zen aitamekin. Eta amak hil gabe erran zakon: “Bon, Bidarraiko Saindiak eman baitaut eta nik behar dudana, eraztun hau hartuko duzu eta han emanen”. Maleruski bizpahiru egunen burian eraztun ederra falta zen. Hori da. Eta hola zenbat istorio... Horiek egiak dira e? Horiek egiak dira. (...) Kanboko gizon batek ere nahi zin eta “une chapelle” edo zerbait egin. Gure apezak erran zakon ezetz, eta sos hura Bidarraiko elizarat emaiteko (Elizetxe E.). Saindia eta apezen artean, 1960 arte-edo, izan zen etsaigoaz jendeek marmar egiten zuten: elizarendako bildu Saindiaren sosak eta gero hura arbuiatzen zutelako, eta ea zergatik ez ziren diru horiek erabiltzen bide txar hura doi bat arranjatzeko, behar handia baitzuen, oraindik asfaltatua ez zenean. Harpeko Saindian egiten diren erritu eta eskaintzen antzekoak beste leku askotan ere aurkitzen dira, hasteko Euskal Herriko eta Gaskoniako iturri andana batean. Holako ohiturak biziki zaharrak dira eta ez sobera aldatuak, jadanik Tours-eko Gregorioak deskribatu ditu bere garaian (VI. mendean): aintzira bati oihalak, jantziak eta jatekoak eskaintzen zizkioten, euria eginarazteko (Eliade, 1975: 175). V. BEILARIAK Anitz jende ibiltzen zela Harpeko Saindian oroit dira bidarraitar xaharrak: Zer jendeak ziren!... Batzuk haurra bizkarrean, bertzeak besoz beso eriarekin... Harrusetik goiti (aitzinean duen mahaia seinalatuz) hau bezain garbitia atxikitzen zin bidexka hura, malda hura, jendeak: goiti dabilki, goiti dabilki... (Jose Mari K.). Inguru guztietatik etortzen ziren jendeak, Baztandik, Lapurditik, Zuberoatik... Ostaler batek erreklama eginik, kazetariak etorri ziren, Paris-Match, Jours de France... Eta gero jin zen jende, hola! Parisetik, Belgikatik... jende oso gaixoak: bat bidean hil omen zen. Etortzen ahal ez zirenei Sainduko ura igortzen zieten hemengo lagunek, urrunera batzuetan, Alsaziara, Marseillara, Argentinara... Bidarraitar batzuek, bistan da, usu ibiltzen ziren inguru haietan. Oroitzapen hunkigarriak ditu Beronika Karakoetxeak, etxekoekin eta astoarekin haurretan egin ibilaldiez. Erreka bazterreko oihanpean eta patarrean gora, astiro haien urratsetara jartzeko, egokia iruditu zait Mahler-en lehen sinfoniako “Ehiztariaren ehorzketa” erraten zaion martxa: oihaneko animalien progua eta “Bruder Martin” (“Frère Jacques”) leitmotiv-aren melodia gogoan, neskatilarekin batera egin genezake Sainduko bidea: Ez ginen negian joaten, negia ez da sobera agreable han. Komunzki maiatzean joaiten ginen, denbora eder eta klar batez. Goizean partitzen ginen aitatxirekilan, goizeko freskuran. Gauari buruz ez zin nahi gure ama zenak joaitea hari buruz: leku peniblea zela han, sekula jende batek min hartzera edo zerbait heldu balin bazen gauari buruz... ez zela prudentzia. Nehork ez du erraiten ahal, erori eta hezur bat hautsi edo zerbait... Eta gero, arratsaldearekilan ez da ontsa ageri han, Saindu hura, ilunago jartzen da, goizean argi gehiago da (ekialdera begira dago harpea). Beti hek, gure aintzineko zaharrek, eni erran dautate hori: goiza behar zela hara joateko. Eta aitatxirekilan eta ama zenarekilan ere, beti goizearekilan izan niz, han arribatzeko gisa eguerdi baino biziki lehenago, hamarretan, hola. Gero fite hango itzulia eginik etxera jiteko gisan; ez baitzen, orain bezala autobiderik eta. Bide penosa baitzen, bide penosa baitzen. Ni nintzen astoarekilan “xoferra”: ateratze ziderra bada gero han. (...) Ama zenarekilan izan naizela, behin baino gehiagotan, eta aitatxirekilan joaiten nintzelarik, komunzki tortxa pare bat hartzen genin urte guziz zerean, Ganderailuz benedikaturik, tortxa fresko-freskoak. Eta beno, tortxa heetarik joaiten (eroaten) genin eta han uzten pizturik. Otsailaren bian, Ganderailuz benedikaturik, urte oro: urte oro pare bat benedikatzen, beti, eta gero han pizten genitien. Iluna zen biziki han argirik gabe. Ordion, han piztu, ontsa gauza ikusteko, eta han uzten genin tortxa pizturik, eta partitu, argia han utzirik zerbaiten kontra: “Hori arrastazan ontsa, ez dadin tortxa eror, uzkail ez dadin, zutik egon dadin” -erraiten zaudan aitatxik. Beti ama zenak hola erraiten zin -eta aitatxi zenak-: “Bertze aldi artio Saindia, uzten zaitut eta bertze aldi artio”. Ba, horra. Eta “Otoi, lagun gaitzazu”, erraiten genin. Ni izan nintzelarik, bertzenaz, utzi izan dut beti hola, tortxa edo arrosorio bat. Nahi bazenin, medailak ere uzten zenitin (Beronika K. laburtua). Bisita pribatuez gain, gerla aitzin bazen Harpeko Sainduko beila Trinitate egunean. Orduan trumilka etortzen zen jendea, oinez, Mehatxeko lepoan gaindi Itsasutik, Ainhoatik, Ezpeletatik. Gero besta egiten zuten Burkaitzenbordan eta Lezetakobordan: akordeoi txar bateko musika bazuten eta “besta polita egiten zen euskaldunen artean, karabineroak sartu arte!” (Elizetxe E.). Sumusenbordan ere egiten zen besta Mendekostez. Ez zituzten denek gustuko jai horiek, beilari zintxoek ez zezaketen denbora pasa musikan eta algaretan: “Jendea zinez heldu zena Sandiari buruz, itzultzen zen fite etxerat”, dio Beronikak. VI. SENDATZEAK Azaleko minak eta ekzemak dira bereziki osatzen Harpeko Saindian, baina besteak ere bai, kabalenak zein jendeenak. Sendatuak kontaezinak direla diote berriemaileek eta bakoitzak badu zerrenda bat berak ezagutu dituenez egina, gehienak haurrak. Nik badut iloba ttipi bat, emokatia zen dena ekzemarekin, negalarekin, aurpegian. Ez zen hurbiltzen ahal ere. (...) Izan ziren hor eta zortzi egunen buruan haurra garbitu zen (Mariena B. ). Ene iloba ttipi bat -bi baditut- jusetan heldu, dena zakarraz betea. Horrat joan eta hola egin eta gibelatekoko xukatia. Eta sendatu gero (Angela H.). Ikusi dut haur bat -senarra hemen bazen erranen zauzun - holakorik ez dut naski behin ere ikusi: bainan dena, dena zakar: ez zin ixkilima buru baten pausa biderik garbirik. Eta haur hura ekarri zuten hiru-lau asteren buruan berriz: larru guztia fin-fin-fina, oraino zikatriza ageri, baina dena sendatua. Deus gabe. Eta zenbat holako (Angela H.). Beste istorio bat ere haur bati buruz, mirakulu handia izan gabe, bere garrantzia duena: Istorio hunek badu beharbada 10 urte baino gehiago (1982an, beraz 1970.koa dateke). Donibanera (Garazira) joan nintzen eta trenean emazteki bat kausitu nin bi haurrekilan trenean. (...) Hemen sartu bainintzen, Bidarraiko garan eta, erraiten daut eta: -Zu bidarraitarra? -eta -Hala niz, ba. -Ni lekondarra niz... A ba, izana niz ni Bidarraiko Saindian, ba, hementxeko bi haur hookin. -A, bon, bazenin ordian zerbait arrengura... -Ba, ba, banin. Haurrak biziki normalak emaiten zuten, partikularzki mutikoa, xarmanta, mutiko hark bazitin berdin hamar urte, ene iduriz, e? Haur hura eleketan eta dena bazekien untsa. Eta haur hark, haur hari egundaino ez ziezakoten ogirik janaraz; bertze gauzetarik zernahi, zernahi jaten zin haur hark, haurrak jaten zin zernahi bertze gauzetarik, e? Eta ogirik ez ziezakoten janaraz. (...) Medikietarat eta denetara joaiten zuten; medikiek erraiten zioten, bon, hasiko zela ogia ere jaten haurra. Ba, baina, laborari etxe eta, badakizu, hek ez ziren hala kontent. Hola denborian, norbaitek erran omen zioten haur harekilan zertako ez zuten egiten beila bat Harpeko Saindura. Eta denbora berean, mutiko eta neska baitzitien berekilan, neska hark bazin ekzema, omen, eta harendako ere bazebiltzaten hantxe-hementxe midiku egiten, badakizu... Ba, baina haurrari ez zitzakon joaiten ekzema hura. Azkenean hartu omen zuten ideian behar zutela senar-emazteek beren bi haurrekilan Saindura jin, eta behar zutela ikusi ea beharbada mutiko hura ere, hark ere zerbait abantail harrapatuko ote zin -haurrak ba omen zitin, mutiko hark ere, ezagutzak eta denak, e? Mintzo eta denak, badakizu, salbu ogia ez zin jaten. Horrara ba jin ziren, hor egin zuten beren debozionea, eta haurra etxera joan eta ogia han jaten hasi zen. Gero neska hark hementxe, nunbait hor -erakutsi zadan emazte hark- oraino bazitin, badakizu, markak, nun ukana zin ekzema, neska harek, ba. Eta harendako ere han, delako saindu hura torraturik, hartaz, ur hartaz, garbitu zuten. Eta hara jintxo, haurra bederatzigarren eguneko, neskak joana zin ekzema. Beno, izigarri kontent, izigarri kontent, mutikoa ogia jaten, ogi eta gasna, ogi eta xokolet, alo, emaiten zakoten ogi guzia: bazkaritan, afaritan bere ogia jaten jende normal batek bezala. Konprenitzen duzuia? (Beronika K.). Ikusten denez, haurrekin du Saindiak zaletasun handia. Mutu egoten zen haur bat ere mintzo zen: Lehenago nik erranen dautzut istorioa, ez da istorio, egia, pasatu dena. Ene senarraren ama mendian bizi zen, arrunt mendian, Zuhaian. Oinez joaten ziren, ez zen pitxik (autobiderik), mendiz mendi Bidarraitik Ezpeletara... Eta egun batez jin zitzakola gizon bat, (...) eta Harpeko Saindiaren bidea galdegiten zakola. Eta sarrarazi ziela -badakizu, Euskal Herrian beti bada holako eta, zerbaiten hartzeko...- Eta izigarri denbora txarra zela. Eta gero han jakin genin gizon hark -Kanbon medikia zen- bazin haur bat mutia, eta haren zerbitzuko bazen neskato bat euskalduna. Eta neskatoak erran zakon nagusiari: -Bazauzu, nagusia, emadazu eni laguntza pixkat, nik joanen dut haur hau Harpeko Saindura, Bidarrairat. Eta hola izan zen, medikiak eman zakon haurra... eta laguntza eta jin zen Harpeko Saindura; bainan beti oinez, mendiz mendi. Eta gure amaren etxera sartu zirelarik gizon hek abiatiak ziren denbora txarra ikusita, heen (haur-neskatoen) biderat, xerka. Eta badakizu mendia nola den, ximista eta, izigarri leku baita... Haurra izitu, emazteñoa ere, izitiak ziren, trenpatiak. Eta aita ikusi haurrak, eta oihuka hasi zela: “Aita! Aita!”, mutia. Voilà. Jende hek beren bizi guztian bazutela Harpeko Saindiarendako amodioa... (Elizetxe E.). VII. PUNIZIONEAK Eskerroneko jendeak estimatzen ditu Bidarraiko Saindiak: sendatu eta eskerrak bihurtzera joaten ez denak berriz eritasuna harrapatzen du. Baina trufariak ditu bereziki begitan, eta haietaz mendekatzen da: Hura ez dakit batere nungoa zitakeen. Norbait jin omen zen horrarat, Harpeko Saindura, bere ustez beilan. Doaikabe ez zin sineste handirik, horreratu eta erran omen zin: -Hau saindia dela? Hau saindia dela? Hau deus ez duk, hau kaka-saindia duk. Harengatik, e? Beno, ez zin arrazoina, haren erraitearen beharrik; harek ez zekien ea zer zen, bai edo ez: ez zekien pitxik! Handik partitu eta etxera gabe, salbu errespetia, eta ikaragarriko beheitikoa jautsi omen zitzakon pretsuna horri. Eta berriz horra gabe ezin sendatu. Berriz joan behar izan zin horra eta eskerren bihurtzera (!? ), barkamendu galde egitera. Bai. Miriku eta istorio eta komeri, dena. Ezin erreusitu! Nik erranen dut: Kaxu! Gauzetan ez da sobera trufatu behar, ez da sobera trufatu behar. Egon ixilik, egon ixilik bederen. Zer nahi duzu? Hura han balin bazen hala, e be, zerbait bazen hura (Beronika K.). Beste berriemaile batzuen erranetan (Jose Mari K., Elizetxe E.), zangoa haustaraztea da Saindiaren mendeku ohikoena. Erran behar, lehen zen bezalako bidean, Saindiaren laguntza behar zela zangoak zuzen atxikitzeko. Holako tokietan ohituak ez direnak –arrotzak bereziki- izaten dira petxeroak. Batzuetan, mespretxuz erraten duenak Saindiak ez duela berriz ikusiko, zerbait han ahantzi eta arra-joan behar du gauza horren bila. Bada zigor bat larriagoa. Aspaldian, emazte batek, Gaxuxak, hartu omen zituen Saindiaren sosak eta berehala punitua izan zen: batzuek diote aztala eraman ziola mamu batek, edo deabruak, edo aire-gaixtoak (oinazturak): Han, Harrusean, emazteki batek -Joanes zin izena senarrak eta emazteak Gaxuxa-, emazteki batek han berean sosak ernegatu zitin. Eta egun hartan, omen, eta arratsean denbora gaixtoa egin zin, izigarri: ihurtziri eta. Eta jarririk omen zagon Gaxuxa senarraren beha -senarra kanpoan zin nunbait lanean-, eta beti supazterrean zagolarik, gainetik beheiti sartu zakon zerbait eta brasa dena barreatu: sartu brasan, ximiniatik beheiti sartia zela -hala egin zuten-, supazter guztia barreatu zin eta aztala ereman (Gaxuxari). Ni gau hartaz oroitzen niz ni, zer gaua zen hura: izigarri zen ihurtzuria eta ximista, ximista, ximista ximisten gainean. Gero, berehala barreatu zen aire-gaixtoak joan zakola supazterretik zera, aztala. Gero egin zakoten midikiek zapeta larruzkoa. Baina ez zen... gero beti hola ibiltzen zen, beti hola (maingu) (Jose Mari K. laburtua). Beste batzuk diote zurruta zilotik sartua zela Gaxuxari aztala eraman zion mamua. VIII. HASIERAKO MITOA Nor da eta nola dago Saindu hura harpean? Misterio bat zela erraten zuen Beronikak: Nehork ez du konprenitu behin ere, badakizu? Nehork ez du konprenitu. Harpeko Saindian, Saindia sartia izana da hamabi argiekilan, Saindu hori. Eta gero, denbora hartan, argi heekilan Saindu hori sartzen ari zelarik memento hartan, Ohatarreko kabala guztiak orro eta marruma... ez omen ziren ixildu hura han sartu arte; hura, Saindu hura han sartu arte. Badakizu, Lourdesko mirakulia bezala sartu zen han. Pentsamazu, gure aitatxi zena haurra zen oraino, denbora hartan, hori gertatu zenean. Hamabi argiekilan sartu omen zen hura gauaz. Eta sekulako mogimendia: Hause, Harruse, Bernateneko, Putzuko, kartier hortako kabala guziak, denak marrumaka ari izan omen ziren. Eta ordion Saindu hura han pausatu eta gero fini! (Beronika K. laburtua). Hori noiz gertatu zen galdeturik Beronikak zehazten du: “Gure aitatxi haurra zen oraino. Eta orain (1982an) 42 urte hil dela, 97 urtekin”. Gertakari harrigarri hura mitoaren bigarren partea baizik ez zatekeen, hori baino askoz lehenago beste zerbait agitu baitzen. Nik aditu izan dut (...) neska bat bazela galdua zena artzaintzan ari zelarik, eta ez zuten harrapatzen. Eta -denboraren burian, badakizu denbora handi bat joan izanen zen doaikabe- ikusi zuztela gau batez hamabi argi hor, zilo hortan sartzen, eta geroztik etorri zirela jendeak horrarat eta ordutik hasia zela. Ene amatxiri eta aitatxiri hola aditu izan dut (Harruseko Angela). Barandiaranek (1973a: 410) 1938an Harrusean berean entzun zuenez, zen neska bat, artzaina, Eguzkimendin galdu eta burua bakarrik atxeman zuten. Gero, arratsetan anitz urtez mintzoak entzuten ziren, “Ago, ago”, Eguzkimendi aldetik, eta gauerdi batez argi bat -edo hamabi- ikusi zituzten harpera sartzen: hara joan ziren eta han ikusi zuten neskaren gorputza. Mitoaren eskema -neska galdu, harpe batean bildu eta hartan berean argia sartzea- Anbotoko Anderearen jatorria kontatzen duen kondaira tipo batean aurkitzen dugu. Andere hori izango zen neskatoa arrats batez, behiak biltzerakoan bat falta zuela eta haren bila joan zen; gorri bat ikusi zuen eta, berea zelakoan, jarraitu zitzaion; baina behi sorgin bat zen eta leize baten barrura eraman zuen neska; han gelditu zela diote, hura zela Anbotoko Anderea, bere haitzulora sutan joaten dena (Barandiaran, 1973a: 398). Barandiaranen ustez Harpeko Saindia dibinitate horren agerkera edo modalitate bat da. IX. SINESTEA Berriemaile batzuek, Harpeko Saindiaren eta hari darion uraren indarra esplikatzeko, Lourdes-ekin alderatzen dute eta hango ur sendagarriarekin: funtsean, batean posibleak badira mirakuluak, zergatik bestean ez? Lehen erraiten zuten bazirela hola, mirakuliak gertatzen zirela. Hala Ama Birgina ere nola agertu zen Lourdes-en. Beharbada, berdin gertatu zen (hemen). Ez gure denboran, e? Jinkoak daki noiz (Mari K.). Hortaz logiko da edozein elizatan bezala otoitz egitea han, belaunikatu ere: Izan naizela harat, bidea erakusterat jendearekin, arrosorio osoa otoitz egiten zuten. Arrosorioa egiten da, hura eta “Agur Maria” (Marixan U. ). Eta Beronikaren iritziz Harpekoak ez zien beste sainduei zorrik. Nik elizako saindiak ere, segurki, saindu kartsiak ditut. Bainan horko hura kartsiago daukat, e? Ene gostuko. A, bai! Kartsiago daukat nik horko saindia. (...) Hamabi argiekilan Saindia hor sartu zelarik, jakizazu hark baziela kartsutasuna, e? Hor sartzeko. Nik ez dut aditu nehun saindurik sartu izan dela hola. Ez, ez. (...) Sartu zenian aingeru hura, hemengo kabala guztiak marrumaka eta orroka... (Beronika K.). Oraingo sinestea, halere, ez dateke lehengokoaren modukoa. Gaurko egunean zaila da sinestea, jendea joaten da urarengatik beharbada, eta joatean joan, otoitzen dukete Saindu hura (Yvonne E.). Berriemaile gehienak ohartzen dira oraingo gazteek ez dutela Saindiarengan sinesterik. Eta gazte batek, hain zuzen, damu du hartaz ikasteko parada galdu izanik: Ene amatxik bazazkien holako gauzak, eta guk irri egiten genuen. Ordion, gero ez zin gehiago kontatu nahi, erraiten zin ez ziela balio guri kontatzea. Orain hil da eta ni gauza anitz jakin gabe gelditu naiz... Ikasi nahi dutenentzat ez da berantegi, agian. Jakin eta sinetsi izan dutenak omenduz, eta Saindiaren berri eman diguten guztiak eskertuz bururatuko dut, bereziki Marixan Zedarri, hark gidatu baitzituen nire lehen urratsak Bidarrain. Besteak ahantzi gabe, nahiz denak ez diren agertu laburpen honetan: Ane Miren Zedarri, Marixan Uztaritz, Yvonne Elorga, Eugénie Elizetxe, Angela Harruseko, Maiana Bernateneko, Mari Kazernako, Beronika Karakoetxeko, Isabel Etxepareko, Jose Mari Kastantxo, Ana Mari Kastantxo, Jean Cabillon, Julia Borda eta Mailuisa Sumusenbordako. MUSIKA Mahler da kapitulu honetako musikaria. Mendian du egoitza Harpeko Saindiak, eta Mahler-ek ezin hobeto kausitzen du naturarekin eta animaliekin ditugun loturak adierazten. ° Mahler-en III. sinfoniako lehen martxa, sarrera gisa, bidean beilariak laguntzeko. https://www.youtube.com/watch?v=h3nxzR87dxE (gutxi gora behera, 10garrenetik landa, 3 bat minutu) ° Tapia eta Leturia Band-aren diskoko “Errosario Santua”, Saindiari zuzentzen zizkioten otoitzak, bereziki “Agur Maria”, oroitzen (soinu hau ez da sarean aurkitzen). ° Mahler-en I. sinfonietako “Frère Jacques” leitmotiv duen martxa, Beronikak aitatxirekin eta astoarekin udaberrian egiten zituen bidaia gogoangarriekin batera. https://www.youtube.com/watch?v=U5A5tFyXQio ° Navajoen seaska kantu bat (“Dawa”, Indiens Sacred Spirit, Virgin Records, 1994), Saindiak haurrekin duen zaletasuna aipatzeko. https://www.youtube.com/watch?v=t4KmakjxoQs * Mahler-en III. sinfoniako 3. mugimenduko “scherzando”, “Zer erran zidaten oihaneko animaliek” izenburu daramana: abereek -etxekoek, ordea- marrumaka omendu baitzuten Saindia bere harpean sartzean. https://www.youtube.com/watch?v=YgteeF546dI (bereziki azken minutua.) * Amaitzeko, Mahler-en III. Sinfoniako 1. mugimendua, “Baccus jainkoaren prozesioa”, beila eta besta egiten dituzten ibiltarientzat. https://www.youtube.com/watch?v=FpN-GYEdKKs IX. kapitulua MARI, MAIRU ETA BESTE11 Inork ez du zalantzan ezarriko Barandiaranek euskal mitologiaren ezagutzan izan duen garrantzia. Ez zuen, hargatik, zertan infaliblea izan, eta bideratu dituen ideia zenbait zehaztu beharrekoak dira, nire ustez. Zor diogun estimak ez luke oztopatu behar azterketako mesedegarriak diren kontuak argitzea, are eta gehiago hari esker dauzkagun materialak etengabeki erabiltzen baititugu mitoen ikerketan. Izaki mitiko zenbait izendatzeko Barandiaranek erabiltzen dituen izendapen batzuk (“mairi”, “maindi”...) baztertu behar direla uste dut, alde batetik zuzenak ez direlako eta, bestetik, “Mari” hitzarekin duten homofoniagatik, asimilazio okerrak egitera eraman dutelako. Beranduxe bada ere, komenigarria da berrikuste zerbait egitea. I. MARI Hasteko, Barandiaranek Anbotoko Andereari emandako “Mari” izenaren egokitasuna ezarriko dut zalantzan, ondoan emango ditudan arrazoiengatik eta, bereziki, aipatu ditudan asimilazio desbideratuengatik. Dibinitate feminino horri Bizkaian eta Gipuzkoan “Anbotoko Señorea edo Dama” esaten diote gehien bat. Horrez gain, Andere horren “izen tikia” Mari, Mariurrika, edo Mari Urraka dela esaten dute Durango aldean (Azkue, 1959: 368). Halaber Gipuzkoan, Murumendiko Damaren ondoan, Marimunduko ere agertzen da (Barandiaran, 1984: 127). Baina, maizenean, “Mari” izena “Señora”ri edo “Dama”ri gaineratzen zaio, hura ezabatu gabe. Lagun gipuzkoar zenbaiti galdeturik, ea etxean zer entzun duten, hauxe erantzun dute: Oñatikoak eta Elgoibarkoak “Anbotoko Señora” bakarrik entzuna zuten; Eibarkoak eta Zerainekoak “Anbotoko Dama”; Aretxabaletakoak “Anbotoko Señora” edo “Anbotoko Sorgina”, azken hau gazteek erabilia; Itziarkoak “Anbotoko Sorgina”; Mandubikoak (Ordiziako gainean) “Murumendiko Dama” edo “Murumendiko Mari”, baina haitzuloari “Damazulo” beti eta ez “Marizulo”. Aski peioratiboa izan daiteke euskaraz Mari hori: hor ditugu “Mari-zikin”, “Mari-mutil” eta antzekoak (Peillen, 1991). Hots, eguraldi ona edo txarra egiten duen zeruko dibinitateak zerbait hobea merezi luke eta uste dut hobe genukeela tradizio zabalduenari atxikitzea eta “(Anbotoko) Anderea” deitura erabiltzea; bide batez gaizki-ulertu bat baino gehiago ekidin litezke II. MAINDI, MAIDE, MAIRI: BA OTE DIRA? “Mari” izenetik abiaturik huts handiak egin baitira, egin ere, eta Barandiaranek berak eman zien bidea, “Mari”k beste hainbat izenekin zerikusia dukeela esan zuenean. Hona bi testu esangarri: MAIDE es también un genio nocturno que baja por la chimenea de la cocina para recibir las ofrendas que al retirarse a dormir hayan dejado los moradores de ella. En Mendibe le llaman SAINDI-MAINDI “Santo Maide” A este genio (Lamin) se la atribuyen en Soule la construcción de los cromlechs; en Mendive, la de los dólmenes de la región. MAIRI-ETXE llaman al dolmen en la región de San Juan de Pie de Puerto, es decir, casa de MAIRI, que debe de ser una de las formas del nombre MAIDE, si no lo es de MARI, nombre de otro genio del que hablaremos más adelante. INTXISU es el genio a quien se atribuye en Oyarzun la construcción de los cromlechs. Es por tanto el mismo MAIDE con otro nombre. La misma función ha sido asociada también a otros seres míticos, como SORGIN, JENTIL y MAIRU. MAIDE es de sexo masculino, su correspondiente femenino es LAMIÑ. (Barandiaran, 1972: 419). El nombre de MARI puede igualmente tener relación con los nombres de MAIRI, MAIDE y MAINDI con que son designados otros personajes míticos, si bien los temas vinculados a estos son diferentes. (Barandiaran, 1972: 424). Barandiaranek, beraz, Maindi, Mairi, Maide eta Mariren lotura iradokitzen du. Badakigu Mari nor den. Ikus dezagun nor diren beste hiruak. Begira diezaiogun lehenik “Maindi” delakoari. Goragoko testuan, Barandiaranek dio “Saindi-Maindi”tik heldu dela; baina “Saindu-Maindiak” multzotik datorrela ikusten da beste testu batean, Mendiben bildurik: SAINDU MAINDIAK ximiniati beheiti sartzen zirela erraiten zuten lehenoko xaharrek (Barandiaran, 1973: 423). Según creencias de Mendive, los genios que de noche entran en el hogar, después que los habitantes se retiran a dormir, se llaman Saindi-Maindi. (Barandiaran, 1984: 161). “Saindi maindi” horiek, beraz, “Saindu-maindiak” dira, batuaz “Saindu-mainduak” idatziko genukeena, baina ekialdeko euskalkietan determinatzailearen bokalaren aurrean u > i bilakatzen baita, ‘maindia’ ahoskatzen da 'maindua'. Hitz multzo hori euskaraz hain usu egiten den errepikapena baizik ez da, zurru-murru, elur-melur edo ziri-miri bezalakoa. Saindu-mainduak badira, izan, baina ‘maindi’ hitz soila ez da existitzen, ez ‘murru’, ‘melur’ edo ‘miri’ baino areago bederen. “Maide”ren kasua ez da hain argia, baina horrek ere existitzen ez duen susmorik badut. Ezin dut demostratu, ez baitut izena bere testuinguruan aurkitu Barandiaranen idazkietan. Halere, ‘Maide’ izena, determinatua denean, ‘Maidia’ izan behar da nahitaez. Eta pentsa daiteke Maidia’ ez ote den ‘Mairia’ren aldakina, alde batetik, d/r alternantzia oso arrunta delako euskaraz eta, bestetik, Zuberoako ‘ü’ soinua ez delako urrun frantsesezko ‘eu’tik; hortaz, beharbada, ‘mairü’ren ahoskera bat da ‘maide’, eta ez alderantziz, Barandiaranek iruzkintzen duen bezala. Eta nor da “Mairi” delakoa? Hitz hori ere ez da hola-hola existitzen, non ez den “Mairu” determinatua, hau da, “Mairia”, batuaz “Mairua” idazten dena. Nor da, beraz, Mairua edo, hobeki esanda, nor dira Mairuak? Izaki horiek komunzki multzoan eta pluralean agertzen baitira mitologian. III. MAIRUAK NOR DIREN Cerquand-ek hauxe diosku haietaz: Denbora hartan bazütüzün (ziren) kartielian (Altzürükün) Mairiak deitzen ziren basagizon eder, handi, azkar eta aberats eli bat, zoin Arrolanek hebetik kazatü beitzütien. Aste oroz Mairiak eta Laminak biltzen zütüzün libertitzera Mendikolandala (Cerquand, 1986: 19). Horrelako mairuek antza handia dute Orozkoko jentilekin, haiek ere maskulinoak direla eta lamina femininoen lagunak. Mendikolandako mairuak eta laminak elkarren lagunak badira, Liginagako maideak eta laminak elkarren bikotekide diratekeen bezala, sexu desberdinekoak: En Laguingue (Zuberoa), me decían que los nombres de Maide y de Lamina designan al varón y a la hembra respectivamente de una misma especie de genio mitológico (Barandiaran, 1962b: 9). Esan daiteke, beraz, mairu-laminak eta maide-laminak bikoteak berdinak direla, eta “Maide”ak eta Mairuak bat diren hipotesia azkartua da. Bien ahaidetasunaz Barandiaran bera ohartzen da beste testu batean: Los Mairi figuran también en algunos relatos suletinos recogidos por Cerquand. Así, dicen que los Mairi se reunían con las lamina o lamias para divertirse con éstas un día cada semana en el campo de Mendy, lo que parece revelar que en la casta de las lamias los Mairi eran de sexo masculino como los Maide (Barandiaran, 1984: 124). Lamina femininoen paredro izateaz gain, zein diren mairuen ezaugarriak eta zer den haien izena azaltzen du Barandiaranek: “Mairu”: tipos de hombre de otro tiempo, no bautizados. (...) A los Mairu se atribuye la construcción de ciertos dólmenes y cromlechs (...) Mairuetxe “casa de Mairu”, dolmen de Mendibe (Buluntsa). Personajes de este nombre figuran en varias leyendas de Baja Navarra, de Lapurdi y del extremo oriental de Guipuzkoa con tales funciones. En otras zonas del país estas labores van asociadas a otros nombres: mairi, maru, moru, jentil, maide, lamina, sorgin (Barandiaran, 1984: 124). Nafarroan 'moro' esaten diote bataiatu ez denari; eta ‘jentil’ hitzak pareko esanahia du, “ez kristau”. Frantsesez “Château des Maures ou des Lamignas” esaten dio Cerquand-ek (1986: 35) Mendibeko “Mairien jauregia”ri, hau da, Gasteineko “Mairuetxe” dolmenari, hartaz dugun testu zaharrenean segur aski. Esan gabe doa “Mairien” hori “Mairuen” dela batuaz. Barandiaranek, bere aldetik, “Mairuetxe” edo “casa de Mairu” idatzi du azken testu honetan, goragoko testuan MAIRI-ETXE idatzi badu ere. Itxuraz Barandiaranek sumatzen du “Mairu” eta “Mairi” gauza bera direla eta bere Diccionario-an elkartu ere egiten ditu biak, nahiz bakoitzari sarrera desberdina eman: Podríamos pensar que Maide, Maindi, Mairi eta Mairu tienen quizá un origen común (Barandiaran, 1984: 123). Mairiak eta Mairuak berdinak izan daitezkela ohartu eta, zergatik uztartzen dizkio Mariri, jakinda pertsonaia horien artean ez dela batere antzik? Andereari Mari deitzeko ondorio bat? Bestalde, zaila da pentsatzea Barandiaranek ez zekiela hitz determinatuen bukaerako ‘ua’ ekialdeko euskalkietan ‘ia’ ahoskatzen dela. Baina ezin da hipotesi hori baztertu, berak idatzi baitzuen (1984: 124) Mendibeko Mairuetxen “ahatxe-larri bat urrez beterik ihortziik bazela”, segur aski “ahatxe-larria” edo “ahatxe-larru bat” esan ziotelarik; beste ikerketa batean ere (1962b: 70), elizako sepulturak aipatzerakoan, “eliz-leki” izena ematen du eliz-leku orde, ondoan “eliz-lekiak” idatzi duela. IV. MARI-NAHASTE Barandiaran, halere, beti zuhurra da. Mari, Mairi, Maide izenen lotura ez du segurutzat ematen, “puede” edo “quizá” esaten du, badaezpada ere. Epigonoen idazkietan “puede” hori “mucho más seguro” bilakatzen da, eta makurrak ugaritzen dira. Hala egiten da José Duesoren Nosotros los vascos liburuan: Es poco probable que el nombre de Mari sea un diminutivo del cristiano de María, y sí mucho más seguro que deba su origen a los ancestrales Maire -genios constructores de dólmenes-, Maide -genios de los montes, de sexo masculino y constructores de cromlechs- y de Maindi -las almas de los antepasados que visitan de noche sus antiguos hogares-. O que signifique simplemente “señora” (Dueso, 1990 I: 42). Eta, logika horri jarraituz, hauxe dio arestian aipatu Mendibe Gasteineko “Mairuetxe”ri buruz: Casa de Mari o Marietxe es un dolmen Gaxteenia en Mendibe (Dueso, 1990 I: 59). Pollito. “Mairi” delakoari ‘i’ bat kendu eta hara non Anbotoko Anderea Mairu bilakatu den. Egia da mitologian kasik dena dela posiblea, izaki guztien arteko lotura zerbait izan daitekeela. Baina, orain arte bederen, Mairuen eta Anderearen identikotasuna ez da dokumentatua izan. Mairuak izaki maskulinoak dira eta pluralean agertzen dira; Anderea bat da, bakarra eta berezia. Parentesi artean esan behar da singularrean edo multzo pluralean azaltzea oso garrantzitsua dela pertsonaia mitikoen nortasunean, eta eite hori ez dela aski kontutan hartzen bakoitzaren berezitasunak zehazteko. Pluralak dira mairuak, jentilak edo laminak, eta singularrean direnean “lamina bat” edo “mairu bat” esaten da. Baina sekula ez dira agertuko “Anbotoko Señoreak”, ez eta “Anbotoko Señora bat”, hain zuzen singularitatea delako haren ezaugarri nagusi bat. Zoritxarrez, denboraren denboraz eta idatziaren idatziaz, dogma onartuak bilakatzen dira gaizki ulertuak. Eta horra zer idatzi duen Victor Manuel Arbeloak duela guti argitaratu liburu batean, Mairuetxearen argazki bikainaren oinean: Mari, la diosa madre de la mitología vasca (imitación de Cibeles, Magna Mater) vuela sobre el caballo de la tempestad, sobre el rayo de sol, sobre el buitre... por los cielos de Ultrapuertos. El dolmen de Mendibe, Marieche, es una de sus moradas (Arbeloa, 1993: 48). Anbotoko Anderearen eta Cibelesen parekotasuna ere zalantzan ezartzeko da, eta hala egin da “Ekaitzegileak” kapituluan, baina bego, ez da honetako gaia. Osterantzean, Iparralde honetan edo “Ultrapuertos” horietan, Anbotoko Anderearen tipoko dibinitateari ez diote behin ere Mari deitzen, Saindu baizik, eta hor dira Bidarraiko Harpeko Saindia edo Iratiko Salbatoreko Saindia (Sainduak, batuaz idatziak). Ez da hemen toki aski bi Saindu horiek Anbotokoarekin erkatzeko, baina haien kidetasunak esangarriak izan daitezke. “Saindu”, “andere” edo “jaun” -singularrean- deitzen zaizkie Euskal Herriko tradizioan dibinitate handiei, autoktonoei zein etorritakoei, “Jaun” Donibane edo “Andere” Dona Magdalena eta “Andra” Mari bezalakoei. Bitartean, aurrera doa gurpila, eta teoriak ume berriak egiten. Haurrentzat argitaratu den Contes traditionnels du Pays basque liburuan (Cosem, 1996), azalpen hau irakurtzen dugu: “La Dame d'Anboto”. Mari : c'est le personnage le plus important des contes basques. C'est elle qui commande aux autres génies. On lui donne plusieurs noms : Mari, Maia, Mairi, Maide, Maindi, Amaia, ou tout simplement Dama, puisqu'il s'agit toujours d'une femme belle et riche. Adibide hauek fenomeno oso hedatu baten lagin murritza baizik ez dira. Horiek hola, nahasketak ekiditeko eta tradizioa ez eteteko, zuzenagoa litzateke “Anbotoko Anderea” erabiltzea Gipuzkoako eta Bizkaiko dibinitatea aipatzen dugunean, “Saindua” Nafarroa Beherekoa denean; edo kasu guztietan “Anderea” besterik gabe, hizki handiaz idatzia. Mari izenaren bidez Iparraldeko izaki mitikoekin lotura egiten dugula pentsatzea huts handia da, interpretazio faltsuan oinarritua delako eta, ondorioz, mitologiaren ikerketa oztopatzen duelako. Gaur egunean, datu anitz bildurik direnean, gure mitologiak analisi zorrotzen premia du. X. kapitulua EUSKARAZKO HITZ GENERODUNAK ETA AHOZKO TRADIZIOA Mitologiari buruzko iruzkinen artean zer leku du iritzi artikulu batek? Ez dakit ba, egileak eman nahi diona, urrean. Justifikatzeko edo esan nezake, mitologia bezala, hizkuntza sinboloen sistema ere dela: etnologo ospetsuak (Lévi-Strauss) parekatu ditu biak, mitemak eta fonemak modu antzekoz giltzatzen direlakoan, bakoitza bere sisteman. Baina estakuruak baizik ez dira horiek. Funtsean ahozko euskal tradizioa ekarri nahi dut nire ikuspuntuak finkatzeko, euskara garaikidean zabaldu diren usadio sexisten kontra argudiatzeko eta, horien baztertzeko dituzkegun arrazoi ideologikoei, zuzentasun linguistikoarena gaineratzeko. Temati honi barkatuko dit irakurleak kapitulu hau; saiatuko naiz arrazoiketan eta frogetan artez eta zintzo ibiltzea, motibazioak ezkutatu gabe. Gurean azkarrean dauden sinboloek eragina izan badezakete pentsamoldean, modu berean eta areago hizkuntzak, pentsamendua bideratzen eta nolabait moldatzen duela; eta ez da huskeria hizkuntzaren sexismoa, zehazkiago haren banaketa generikoan kokatzen dena. Batzuen ustez, hizkuntzak baino munta handiagoa dute ohiturak eta praktika sozialak, baina auzi hori arrautza eta oiloarena langoa da, zein lehena. Biak elkarren eraginpean daude, eta osoa aldatzeko bietan ihardun behar da. Ez dut honekin esan nahi errealitatea eratzen duela hizkuntzak, baizik eta haren isla izateaz gain, eragilea ere badela. Euskarak generorik ez duela esaten da, ez bederen gramatikala, berez sexuatuak diren bizidun zenbaiti izenetan ezik. Generoa pertsonei ematen zaie, eta etxeko abereak izendatzeko kontuan hartzen da sexua, garrantzi ekonomikoa izanez geroz. Horregatik badugu oilo eta oilar, behi eta zezen, erle eta mando-erle... Erlea eta oiloa ekonomikoki oilarra eta mando-erlea baino garrantzitsuagoak diren ber, emeak ematen dio izena multzoari, eta hartatik hitz eratorria edo konposatua onartu behar dute arrek. Baina ez zaie inportik... Alderantziz da jendeetan. Oraingo euskara hiritarrean, arraren izena (`gizon' edo `giza') inposatu da gure espezie biologikoko edozein banako adierazteko, arra zein emea. Zergatiak denek dakizkigu, ekonomikoak baino sozio-politikoak gehiago. Hots, zergatiek ez dutela beti berdin jokatu erakusten digu herri tradizioak. Eta tradizio onak atxikitzekoak direlakoan, horiek nahi ditut gogorarazi. Itxura, berrikitan hedatu da 'giza' erroa erdarazko “humano” eta “sozial” adierazteko; lehenago Elizak zabaldu zuen 'gizon' hitza jendeak oro izendatzeko, eta pentsatzekoa da testu sakratuekiko mimetismoaz egin zuela. Hona haietarik hiru, biziki ezagunak, eguneroko mezetan entzuten baitziren. Lehenak, Sinesten dut, dio: “Qui propter nos homines et propter nostram saluten descendit de caelis. (...) Et homo factus est”. Bigarrena, Joanesen ebangelioaren hasiera da, denetarik ezagunena eta magikoki azkarrena: “In ipso vita erat, et vita erat lux hominum. (...) Erat lux vera quae illuminat omnem hominem.” Hirugarrena, “Gloria in excelsis Deo et in terra pax hominibus”. Latinezko 'homo' neutroa bazen ere, maskulinoa den 'gizon' itzuli izan da euskaraz, eta gaur egunean ere entzun behar dugu “Lurrean bakea gizonei”. Herri tradizioan, ordea, oso oihartzun tikia izan zuen horrelako itzulketak, eta gutitan erabili da 'gizon' hitz neutro gisa, beti zeozer atxeman da haren orde. Garrantzizkoa da hori jakitea, ez diezaguten sinetsaraz 'giza' esateko behartzen gaituela euskarak, beste alternatibarik ez duela. Erligio kristauak, eta haren kategorietan ibili diren politikak eta zientziak, terminologia sexista aukeratu izanak ez gintuzke bultzatu behar berdin egitera, ondotxo baitakigu zer izpirituk inspiratu dituen kolektibo horiek. Orain indarrean den terminologia justifikatzen duten irizpideak bi dira nagusiki: 1) 'Gizon' eta 'giza' ez dira berdinak, ez dute gauza bera denotatzen, lehena generoduna da eta bigarrena neutroa. 2) 'Gizon' eta 'giza' jatorriz eta esanahiz berdinak izan balira ere, ez da arazorik, orain konbentzioz desberdintzeko xedea hartua badugu, erabilerak egiazki desberdinduko dituelako, sexismoa baztertuz. Lehen irizpidea hizkuntzaren usadio, mekanismo eta tradizioarekin batera aztertuko baitira, bigarrena jorratuko dugu lehenago, ikusteko 'giza' erabiltzeak sexismoa suposa lezakeen. I. HITZEN ATZEALDEA Sinboloen naturan baitatza polisemiko izatea, hitzaren ohiko denotazioak ez omen du garrantzirik, eta egia izanik ere 'giza'ren berezko esanahia 'gizon' dela, denok ados jartzen baldin bagara 'gizon-edo-emazte' denota dezan, arazorik ez: guk nahi dugun zentzua hartuko du guk nahi dugun orduan. Horrela arrazoinatzea inozokeria da. Hitzen esanahia behin finkatuz geroz ez da gehiago arbitrarioa, haren irudiak denotazio nagusia ekartzen du gogora, zentzu zabalagoan erabilia bada ere; are gehiago erreferente zehatz eta azkar bat izan duen hitzaren kasuan, 'gizon'aren kasuan esate baterako, generoduna ez ezik sexuduna ere dena. Jende izateko baldintza 'giza' izatea baldin bada, gizonak bakarrik sartuko dira eskubide osoz kategoria horretan; emakumeei ere sartzea uzten bazaie, gibeleko ate txikitik izango da, denominazioa mailegatua baitute, ez propioa. Nabari da gizona emakumea baino hurbilago dela 'giza'tik eta emakumeak ez direla inoiz gizonak bezain 'giza' izango. Ez lirateke hemengo bazterrak guti harrotuko, halako batean EEBB-etako jakintsuek dekretatuko balute 'pertsona' esateko hitz egokiena 'yankee-' dela eta inork ez duela zergatik eulitu, 'yankee' ez baita yankee, eta gainera, hitzaren esanahia arbitrarioa izanik, aski da denak ados jartzea engoitik “homo sapiens sapiens” esan orde, “Yankee sapiens sapiens” esateko. Beste test bat egin geniezaieke gure espeziea izendatzeko hautatzen dugun hitzak muntarik ez duela diotenei: proposa diezaiegun 'ema-' erroa, ea gizonek onartuko duten 'emarte' 'gizarte' ordez. Euskal parlamentari aurrerakoi batekin horrelako gauzetaz hitz eginez, argudiatu zidan 'giza' baliatzera kondenatuak ginela, beste hitzik ez genuelakoz. Baietz, nik, 'pertsona' edo 'jende' baditugula, azken hau luzaz erabilia Iparraldean zentzu horretan. Eta hark ezetz: jende pertsona multzo bat esateko erabiltzen delarik ezinezkoa dela esangura horretatik ateratzea. Eta pertsona? Ai, pertsona: hitz latinoa dun gaixoa, eta maskara esan nahi din, antzezleak mozorrotzeko hura, itsusi eta dena imintzio. Ene, pentsa nola iraindua sentituko den gure hurkoa, pertsona dela aurpegira botatzen badiogu eta konturatzen bada kakarro deitu diogula alegia deusez! Kontuz ibili gero jende gaitzikorrekin eta hitzen polisemiarekin, delako polisemia antzinate klasikoan bakarrik izanda ere. Hau idazteko unean, 1999ko azaroaren 25ean, Virginia Acebesen bortxaketa eta erahilketa deitoratu behar ditugu, hain zuzen emazteen aurkako bortizkeria borrokatzeko egunean berean. Prentsako iritzi anitzek salatu dute sexu erasoen ugaria, haien suntsitzeko erremedio bakarra berdintasuna dela nabarmenduz. Izan ere, erasotzaile horiek ez dute beren parekotzat daukaten norbait kolpatzen, gutxiagotzat daukatena baizik, eta arlo sozial guztietan emakumeek pairatzen duten bereizkeria estrukturalak eragindako jokaera basatiena baizik ez da krimen sexuala. Horrelako bortxakeriarik ez genuke jasango menpekotasun orokorra ez bagenu. Eta gizonen menpe atxikitzen gaitu hizkera zehatz batek, iradokitzen duenean ezin dugula arras pertsona izan, arras 'giza' ere ez baikara. Mezua subliminala da, baina ez hargatik gutxiago erreala eta eraginkorra, eta biziki eraginkorra da ingurugiro zehatz batean indarrean diren praktika sozialak egiaztatzen eta bermatzen dituenean: korrelazio zuzenean izanik hizkeraren sexismoa eta jendartearena, ez dute soilik elkar isladatzen, elkar azkartu ere egiten dute, bata bestearen sostengua delarik. Historiak utzi digun “ondare” kultural eta ideologikoa misoginoa ez balitz, sinbolo linguistiko sexistak ez luke ondorio handirik izango. Alabaina, praktika sozialez gain, filosofo, ideologo eta predikari anitzek etengabe eta luzaz mailukatu gaituzte, uler dezagun gizonen eta abereen arteko zerbait direla emazteak (Delumeau, 1978: 312-320), ez lehenak bezain jende, ez besteak bezain animalia. Horrekin kontsekuenteak baizik ez dira gizonak, emazteak beren propietateko zerbait bezala tratatzen dituztenean. II. 'GIZA'REN BELARRIPUNTA Dena den, diote, 'gizon' eta 'giza' hitz desberdinak dira: filologoek izan ezik, inork ez du 'giza' hitzean 'gizon' igarriko, 'humano' hitzean 'hombre' igartzen ez den bezala. Orduan zertarako hainbeste istorio? Gerta liteke baten batzuk ezertaz ez ohartzea, baina ez dut uste gehienen kasua denik: 'astabelarri' hitzean 'asto' badela ikusten badugu denek, eta denek badakigu 'itsasargi'n 'itsaso' badela eta 'ipurbeltz'en 'ipurdi', nola ezkutatuko zaigu, ba, 'gizarte'n 'gizon' badela, bere atributu guztiekin? Erroetatik hitz eratorriak sortzeko prozedura hori arrunta eta bizi-bizia da euskaran, inondik ez fosilizatua, eta edozein euskaldunek igartzen ahal du nondik datozen erro gehienak. 'Giza'ren kasuan ere igartzen dela frogatzen du behin baino gehiagotan aditzen den detailetxo batek: 'giza' esaterakoan eskrupulo zerbait dute batzuek, antza, eta emakumeak ere sartuak direla gaineratzeko beharra sentitzen dute. Aspaldian, Lohitzunen egin zen AEKren aldeko manifestaldi batean, mikroan ari zen antolatzaileak esan zuen: “Orain denok elkarri eskua eman eta giza-kate bat egingo dugu; eta emakume-katea ere, bistan dena”. Bistan zen, bai, jende-katea esan izan balu, ez zukeela zertan deus besterik gaineratu. Nago 'giza' neutroa dela sinetsarazteko teman badela hipokrisia doi bat. Lehen 'kristau' erabiltzen zen pertsona esateko. Hura ere baztertzailea zen, kristauak ez zirenak ez baitziren orduan pertsonatzat hartuak, eta horregatik ez da gehiago ontzat hartzen. Erligioagatik diskriminazio egitea itsusia da gaur egun, sexismoagatik emazteak baztertzea, berriz, gauza jasangarriagoa da, naturala edo, berdin horretarako erligio kristauak inposatu parametroetan finkatzen bagara ere. Eta horretan daude gure hiztegi moderno gehienak, 'giza'ri zentzu neutro emanez eta maskulino aitortua den 'gizon'tik berezituz. Hiztegi klasikoen egileak ere kultura eskolatuaren eragin pean egon dira, latinaren edo erdararen ohituren morroi; baina haiek bederen, antzinako usadio herrikoien berri ematen dute, 'jende' hitza ere ekartzen dute eta 'gizon'en sinonimo gisa aurkezten askotan - azken hau neutrotzat baitute. Herri tradizioan 'giza' eta 'gizon', berdinak izan dira, dudarik gabe. Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegiari begiratzen badiogu ikusiko dugu XX. mende arte hitz konposatu gehienetan 'gizon' dela lehen terminoa, eta Hegoaldeko idazle modernoak hasi direla 'giza' erabiltzen. Halere, azken honen 'humano' zentzuarekin batera, ugariak dira 'varón' esangura duten kasuak, hala nola: 'gizagaldu' (libertino), 'gizagazte', 'gizaerdi', 'gizakume', 'gizakote' eta 'gizapuska' (hombrachón), 'giza-jantzi' (ropa de hombre). 'Gizaki' maskulinoa da batzuetan (“gizaki eta andraki guztiak”), bai eta 'gizarte' ere (“se refiere exclusivamente a grupo de varones”, Mendiburu, Idazlan Argitaragabeak I 351ean). Pierre d'Urtek substantibo maskulino gisa erabiltzen du 'giza': “Nere giza” (“mon mari”); “Zeren gizak kasik bethi baidohaz etxera ostatuetarik tripa ontsa bethea”. Osterantzean, denen gogoan daude bi adibide oso hedatuak eta eztabaidaezinak: gizajo eta gizakunde. * Gizajo (=giza gaixoa) gizonentzat erabili izan da bakarrik, orain batzuetan emazteentzat entzuten bada ere. * Gizakunde. Nafarroako herri batzuetan, Inaute aurreko hiru igandeak horrela izendatzen dituzte: Gizakunde (gizonen eguna), Emakunde (emazteen eguna) eta Orokunde (denen eguna) (Azkue, 1959: 54; Caro Baroja, 1965: 383). Argi da gizakunde ez dela emakumeena, emakunde ez dela gizonena eta 'gizon' eta 'giza' sinonimoak direla, 'giza' eta 'ema' antonimoak diren moduan. Orain, mirakuluz edo, 'gizakunde' 'orokunde' bilakatu digute. Emakunde izeneko erakunde batek, bere izenak zer esan nahi duen derrigorrez jakinda, nola aldarrika zezakeen 'giza' neutroa dela, zergatik haren erabiltzea aholkatzen du sexismoaren kontrako neurri gisa? Ezin da pentsatu ignorantziaz egin dutela eta, Euskaltzaindiaren arrazoinak asma badaitezke hango sex-ratio-a ikusirik, emazteen defentsarako talde batek egina adar-jotze handitzat hartzea beste erremediorik ez dugu. Zintzoki jokatzeko xedea duen norbaitek esaten zuen bera jarraituko zela 'giza' zentzu unibertsal eta neutroan erabiltzen, ez duelako gizon esan nahi, baizik eta 'iza-' ('izan' aditzaren erroa) eta, funtsean, 'izaki' besterik ez delako 'gizaki'. Baina fitsik ez du aldatzen horrek. Etimologiak erakuts lezake nondik datorren 'gizon' hitza, baina ezin du haren erreferentea aldatzen: arrek monopolizatu badute 'izan + on' deitura, hartan ez da gehiago tokirik emeentzat. Pertsonari 'gizon' esaten diotenok -eta oraino badira holakoak ausarki- aurpegia ematen dute bederen, ez dute beren sexismoa gordetzen. Baina 'giza' erabili eta aldi berean sexuen arteko berdintasuna predikatzeak ez du kanorerik. III. ALTERNATIBAK BADIRA TRADIZIOAN Hirugarren argudioa izaten da “gauden euskaldun”, ez ditzagun hitz arrotzak erabil: 'giza' gizon izanik ere, euskara jatorra da, eta ez dugu besterik pertsona kontzeptua adierazteko. Itxura, erdararen usadioak kopiatzea eta homo-homme-hombre sistema onartzea ez da bekatu; baina eragotzia da erdal jatorrizko hitzik hartzea, 'jende' edo 'pertsona' bezalakoak. Garbitasuna, beste printzipio asko bezala, komeni denean bakarrik betetzen da. Ehunka hitz arrotz ditu euskarak, euskaldun bipilenen ahotik entzuten ditugu egunero, eta inork ez du haien arbuiatzeko ideiarik; 'jende' hori, berriz, ezin jasan. Edo noiz nola: Hegoaldeko moduan, “la gente” esan nahi duenean, eta 'j' espainiolez ahoskaturik, bai; baina Iparraldeko usadioan, pertsona adierazteko eta 'i' soinuaz ahoskatuz, ah! orduan ez. Alta, 'jende' bada, izan ere, gehiago lehen orain baino, egia esateko. III. A. Hiztegiak Hiztegi klasikoetara mugatuko gara, modernotasunak zer ekarri duen ondo dakigu-eta. Azkue dugu euskal klasikoetan eskuragarriena (Diccionario vasco-español-frances, GEV, 1969) eta hauxe aurkitzen dugu hartan: JENDE: -1° (AN BN, G, L...), gente, persona sin distinción de sexo. JENDETU: (BN-am), civilizarse: se civiliser, s'humaniser. Pierre Lhanderen hiztegia (Dictionnaire basque-français, Beauchesne éd. Paris 1926) Iparraldeko euskalkietan finkatzen da eta ‘jende’ errodun hitz ugari erakusten ditu. Hona zerrenda bat: JENDE: -1° famille; -2° parents; - 3° homme, créature humaine, individu (synonyme: gizon). (...) JENDARTE: société, public, monde. JENDAKI: -1° race, espèce d'hommes; -2° parenté, famille -6° les gens, en général le monde. JENDEKI: -1° parents; -2° individu, homme, personne. JENDAZTATZE: peupler, remplir d'hommes. JENDEGISA: avec humanité. JENDEKARI: sociable. JENDEKIN: (...) -2° sociable, aimant la société. JENDERAZIONE: (...) -2° génération, la collection d'hommes vivant dans le même temps. JENDESTATU: peupler, remplir d'hommes. JENDETASUN: caractère d'homme d'honneur (synonyme: gizatasun). JENDETU: s'humaniser, se civiliser. Orotariko euskal hiztegian, X. tomoan agertzen da 'jende' hitza eta hartatik datozenak. Beste zentzuen artean, “persona humana” bada, eta literaturan harturiko adibide ugari, hala nola: “Ez da jendea holakorik egiten duena, abere basa da” (Duvoisin); “Iendeak iende direnez geroztik” (Atsular); “Agertu zitzaion (Satan) ederki jauntzia eta jendea izatu balitz bezala” (Joanategi); “Etziren jende Rusoak Alemanian, zakur kondu ziren” (Saint Pierre); “Jente bürhezür bat (un crâne humain)”. III. B. Ahozko tradizioa Iparraldeko ipuin eta legenden bilduma batzuetan hartu adibideetan azaltzen da 'jende' hitzaren aipatu esanahia. Wendworth WEBSTER-ek 1877an argitaratu zuen London-en Basque Legends liburua. Harek bildu euskal testu originalak argitaratu ditu Xipri Arbelbidek (Euskal ipuinak, 2 tomo, Klasikoak, Donostia 1993). “Basajauna” deitu ipuinean (tomo I, 9 or. ), hiru anaia eta arreba bat katibu dira basajaunaren etxean, eta egun batez “haurride hoik elkharrekin hitz hartzen dute beren basajauna hil behar dute”; baina ordurako hiru anaiak ordurako idi bilakaraziak baitira, arrebak basajaunaren andereari mehatxu egiten dio: “Idi hoik ez badituzu lehen zien bezala gizon bilakatzen labe gorritu batean sartuko zaitut”. Andereak “iten du harek erran bezala eta jende bilakatzen die lehengo manera berean.” Jean BARBIERren Légendes Basques liburuan (1931: 22 eta 7), “Laminak Senperen” izenburuko istorioak diosku: Utsaleko zubi azpian bizi ziren laminetarik bat “hiltzera zoan. (...) Eta futxo, ez zitekeen hil, deus gisaz, gutarteko jende batek hura ikusita, haren aitzinean, den othoitzik ttikiena erran gabe”. Zati honen frantses bertsioa hauxe da: “sans qu'un être humain -qui ne fut pas un lamina...” Mayi ARIZTIAren Amattoren uzta bildumako “Mutil baten ixtorioa”n (1982: 14), protagonista deabruari garaitu eta, “hainbertze behi eta idi baitziren han, deabruak beretuak eta tzarrak zirelakotz azienda eginak, berriz jende bilakatu ziren. (...) Mutiko hori han zagon (...) harritua ikusiz azienda hek jende eginak” “Arttoren ixtorioa” (ibid. 68). Artto engainatzailea bere arerioek harrapatu egin dute, zaku batean sartu eta ostatuaren atean utzi, edaten duten bitartean. Artzain batek zakua higitzen eta Arttok barnetik oihu egiten du: “Utzi, utzi zakua; hemen jende bizirik da!” (“personne en vie”, frantses bertsioan). Artzain gaixo hura ere engainatuko du Arttok, bere lekua harraraziz zakuan. Charles VIDEGAINen doktorego tesian (Le vocabulaire de l'élevage en pays d'Oztibarre. Université de Bordeaux III, 1989, 281 or. ), erranzahar batek dio: “Ahuntza ez kabale (etxeko abere), ametza ez mairan (habe), emaztia ez jende”. Erranzahar horretan ahuntza, ametza eta emaztea parekoak dira, beti basak: ametza txarra da eraikuntzarako, egurra dateke; ahuntza menderatu ezina ez da etxeko abere. Emakumea ez da pertsona - abere bai, doaikabe. Esakeraren mezua misoginoa da, baina hori adierazteko erabiltzen den hizkera neutroa da: pertsona 'jende' da, ez da 'giza'. Baxenabarren egindako galdeketa etnografikoen usu entzun dut ‘jende’ hitza. Behorlegiko Mari HIRIGOIEN andereak Elortako leizeak aipatu zituen, haien barnean hezurrak atxeman dituztela; kabalen hezurrak ote ziren galdeturik, ihardetsi zuen: “Bai, kabalen hezurrak ditaizke, ez da jende-hezurrik, araiz”. Eta zerrenda bururatzeko, lan honetan berean "Harpeko Saindia" kapituluko BERONIKAren hitzak: Saindiari esker ogia jaten hasi zen haur bat, “bazkaritan, afaritan bere ogia, jende normal batek bezala”. III. C. Literatura Iparraldeko idazle batzuek etxean jaso dituzten erran moldeak atxiki dituzte, eta askotan aurkitzen ahal dugu haien liburuetan 'jende' hitza. Eskolatuak ere baitira eta erdaraz adieraziko kontzeptuak erabiltzen baitituzte, gerta daiteke aldi berean 'jende' eta 'gizon' erabiltzea, sinonimo gisa. Horrela egiten du Piarres AINTZARTek, Biziaren bazterrean liburuan (Maiatz, Baiona, 1992, 50. or). Idazleak Algeriako gerlan, armadak egin arabeen hilketak eta torturak ikusi eta, lagunekin joan da kapilauarengana: “Nahi genuen guk haren iritziaren berri jakin torturaz. Ondarrean bet betan (...) lerratu bezala zaio bere ikusmoldea: -Araba horik ez dira jendeak, ez gizonak.” Janbattit DIRAZARrek (Hegiko bordatik, Elkar, Donostia 1995), alemanen okupazioa eta horretaz amak zuen iritzia kontatzen du 35. orrialdean: “Etxen, amak guti aipatzen zituen alemanak. Aski halere nik ere jakiteko ez zituela batere maite. (...) Erraiten zuen ere bizkitartean Aleman horiek gu bezala jendeak zirela, Jainko beraren umeak.” Mattin HIRIGOIENen, Hautsi da kristala antzerkian (Euskaltzaindia, 1996, 48 or. ), protagonista bati buruz dio beste batek: “Neska hori arrunt basa da. Jende manerarik ere ez du”. Rogert IDIARTek “Agota Pastorala ou l'éminente dignité de la personne humaine” artikuluan (Enbata aldizkaria 1999-08-05) hauxe dio: “L'un des proverbes les plus connus en Soule est le fameux "Jentik jentia balio dizü": une personne humaine en vaut une autre”. Ez du balio zerrenda gehiago luzatzea, argi dateke euskarak bai baduela `giza' ordezkatzeko alternatiba jatorra, eta inor ez dela `giza' erabiltzen behartua. IV. HITZ NEUTROEN BALIOA Gizon eta emazteak kokatzen dituen 'jende' bezalako hitz neutro gehiago baditu euskarak, horiek ere gero eta gutxiago erabiliak, nahiz Davant euskaltzainak aspaldian ohartarazi zigun “Denak anaiak?” artikuluan (Egunkaria, 1996-06-04): aita + ama = gurasoak; nebak + arrebak + ahizpak + anaiak = senideak edo haurrideak; semeak + alabak = haurrak (adinekoak izanik ere, beti gurasoen haurrak gara denok edo, Dirazarren amak esaten zuen bezala, “Jainko beraren umeak”). Azken honetan maiz entzuten da emakumeen aipamena, maskulinoari edo neutroari gaineratua, hala nola, “Euskaldun guztiok, gizonak zein emakumeak...”, “Herri honetako gizon eta emakumeek badakite zein alderdik ekarriko dien onura handiena”, “Goraintziak Iparraldeko anaiei, edo hobe esanda anai-arrebei, ez daitezen feministak haserre”, eta holakoak. Berdintasunaren gurariz eta politikak beharturik jazotzen dira horiek, emazteek ere bozkatzen baitute. Hitz femininoa horrela gaineratua ikusteak beti uzten dit karitate gustu bat, injustiziaren aurrean egiten den borondate oneko jestua. Biziki estimagarria da, baina nahiago nuke haren beharrik ez izan, eta oparitxoak justiziaz gain hartzea. “Anai-arrebak” bezalako hitz konposatuak aski luzeak dira eta, hizkuntzak komunzki ekonomiara jotzen baitu, bigarren terminoa, femininoa, galtzeko arriskuan dago beti. Orduan, aurreko egoeran erorita geundeke: denok anaiak berriz, eta berriz haste, Damoklesen ezpata gainetik kendu barik. Arazo linguistikoa ere ekar dezake hitz konposatuen erabilerak, pluralak baitira beti eta ezin direlako singularrean erabili. Ezin da, baina egiten da. Borrokari buruz 1999ko udan argitaratu den liburu baten egileak zioen lan hori bere esperientzien eta gogoeten “seme-alaba” zela. Hilabete eta erdi geroago (1999-11-19), hara non Euskadi Irrati-ko Londongo berriemaileak, goizean goizik jakinarazi digun Blair-en emaztea haurdun dagoela eta maiatzean jaioko dela “seme-alaba”. Bizkiak ote? Ez... Alferrikako nahastea, askoz errazagoa baita 'haurra' esatea, ingelesek 'child' eta frantsesek 'enfant' esaten duten bezala, eta herenegun arte euskaldun guztiek esaten zuten bezala. V. AMAITZEKO ORDUA Arazoa ez da gurea bakarrik, eta gure auzo batzuk jadanik lotu zaizkio gaiari, Frantzian esate baterako, nahiz ondorioak oraino ez diren ageri. Le Monde Diplomatique-k 1999ko udaberrian argitaratu Manière de voir ale bereziko Agnès Callamard-en artikulua ekarriko dut harira, “Le sexisme à fleur de mots”. “Izendatua ez dena ez dela existitzen” oharretik abiatzen da idazlea, erraz ulertzen duguna, izena eta izana lotzen dituen gure esakune ospetsua gogoratuz. Eta hala, emazteak ezabatuak izan ziren Frantziako Iraultza garaian “les droits de l'homme” aldarrikatu zituztenean. 'Homme' hitza hautatu zuten gizonek bazekiten terminoa ez zela neutroa, alderantziz, nahitara zituzten emazteak baztertu, izaki irrazionalak zirelakoan gehienak eta halakoei ez zegozkielako eskubideak. Lege berriak ere araberakoak egin zituzten, eginkizun politikoak emazteei debekatuz, harrigarria ez dena bozkatzeko eskubidea 1944an bakarrik onartu zieten erresuma batean. Frantziako lehen errepubliketako eta inperioko hizkera eta politika esplizituki sexistak izan ziren. Orain, politika zerbait aldatu delarik, hizkera aldatzea ez duela balio diote batzuek, elkarrengandik autonomoak izanda, hobe dela ohitura linguistikoei bake ematea. Alta, zehaztasun zenbaitek salatzen dute mintzaira baztertzaileak hazkura ematen duela noizean behin, eta hola, emazteak politikan sartu arau, “hommes et femmes” esakera nagusitzen hasia da, “homme” soilik esatea larriegia delako edo. Jadanik “Droits de l'homme”en 1948ko aldarrikapenean, 'personne' hitza ere agertzen da testuan, idazleen zalantzen adierazle. Askoz geroago, 1997an, dei auzitegiko zinpekoek zin egiteko formulan “personne” eta ez “homme” erabiltzeko bozkatu zuen Senatuak; orduko, 1991n eta 1993an UNESCO-k aholkatua zuen “droits de la personne” erabiltzea, eta gauza bera egin zuen 1993an Nazio Batuen Erakundeak Vienan antolatu forum batek; Amnesty International-ek, bere aldetik, 1997an erabaki zuen “personne humaine” erabiltzea eta ez “homme”. Aholkuak ez dira guti, eta prestigiodun eta eskudun erakundeetatik datoz. Zoritxarrez, kasik inork ez die jaramonik egin, orain arte, eta komunikabideek zein elkarteek, Iparraldekoek barru, “Droits de l'Homme” aipatzen eta errebindikatzen dituzte hitzetik hortzera. Zer galduko dugu euskaldunek eta zer euskarak, aurrerakoien ildotik jo bageneza, ahozko tradizioak eskaintzen digun 'jende' hitza hautatuz, edo auzoko berritzaileen terminologiara egokituz eta 'pertsona' erabiliz? BIBLIOGRAFIA AARNE, Antti & THOMPSON, Stith 1964(1. arg. 1928) The types of the Folktale, Academi Scientiarum Fennica, Helsinki. (Alberto Magno) Les admirables secrets de magie naturelle du Grand Albert et du Petit Albert, Albert Michel, Paris, 1981. ARANA Anuntxi 1968 Bidarraiko Harpeko Saindua, Antropologiaren Euskal Bilduma, Haranburu Altuna, Donostia. 1996 Orozko Haraneko kondaira mitikoak, doktorego tesia, EHU. 1997 "Emakumeak euskal mitologian" in Emakumeak Euskal Herriko historian, Formazio Koadernoak 24, IPES. ARBELOA Victor Manuel 1993 Navarra de Ultrapuertos, Caja de Ahorros Municipal de Pamplona, Pamplona. ARIZTIA, Mayi 1980 Amattoren uzta, Elkar, Baiona. ARNAUDIN, Félix 1966-1967 Contes populaires de la Grande Lande, bi tomo, Amis de F. Arnaudin, Bordeaux. (1. arg. 1877) ARRATIBEL, Joxe 1995 Kontu zaharrak, Erein, Tolosa. AUGE, Marc 1997 Symbole, fonction, histoire. Les interrogations de l'anthropologie, Hachette, Paris. AZKUE, Resurrección María 1959-1969 (1935-1945 1. arg.) Euskalerriaren Yankintza, 4 tomo, Espasa Calpe, Madrid. BACHELARD, Gaston 1942 L'eau et les rêves. Essai sur l'imagination symbolique, Librairie José Corti, Paris. BARANDIARAN, Jose Miguel 1960-62 El mundo en la mente popular vasca, 4 tomo, Auñamendi, Donostia. 1972-1974 Obras completas I, II, III, IV, V, Gran Enciclopedia Vasca, Bilbao. 1984 Diccionario de la Mitología Vasca, Txertoa, Donostia. BARBIER, Jean Légendes basques, 1931, 1984. BETTELHEIM, Bruno 1976 Psychanalyse des contes de fées, Laffont, Paris (Theuses of Enchantement, New York, 1976). CARO BAROJA, Julio 1966 (1. ar. 1961) Las brujas y su mundo, Alianza editorial, Madrid. 1965 El carnaval, Taurus, Madrid. 1975 Brujería vasca, Txertoa, Donostia. CASENAVE HIRIGILE, Junes 1994 "Azalegiko karbea à Alçay en Soule. Son mystère ou légende de Herensuge", Ikuska, 1994, 1. trimestre, 6. CERQUAND, Jean-François 1985-1986 Ipar Euskal Herriko legenda eta ipuinak, (1875-1885 bilduak, A. Aranaren transkripzio moldatua), 2 t. Txertoa, Donostia. COSEM, Michel 1996 Contes traditionnels du Pays basque, Editions Milan. CATLIN, Georges 1992 (1. arg. 1844) Les indiens d'Amérique du Nord, Albin Michel, Paris. DELUMEAU, Jean 1978 La Peur en Occident, XIVe-XVIIIe siècles, Fayard, Paris. DONTENVILLE, Henri 1998 (1. arg. 1950) La mythologie française, Payot, Paris. DURAND, Gilbert 1969 (1. arg. 1960) Les structures anthropologiques de l'imaginaire, Bordas, Paris. DUESO, José 1990 Nosotros los vascos, tomo I: Mitos, leyendas y costumbres. Lur, Donostia. ELIADE, Mircéa 1957 Mythes, rêves et mystères, Gallimard, Paris. 1968 "Dieux et déesses", Encyclopaedia Universalis, 5. tomoa, Paris. 1975 (1. arg. 1949) Traité d'histoire des religions, Payot, PBP, Paris. ETCHEHANDY, Marcel 1989 Jantza Euskal Herriko elizetan, Kultura eta Fedea. ETXEBARRIA AYESTA, Juan Manuel 1995 Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esakundeak, Labayru ikastegia, BBK, Bilbao. FRAZER, James George 1981-1984 (1911-1915 The Golden Bough) Le rameau d'or, 4 tomo, Laffont, Paris. GAMINDE, Iñaki 1997 "Elantxobeko ahozko narrazioak", Fontes linguae vasconum, 76, Sep.-Dic. GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan 1991 Euskal pentsamentu magikoa I, Baroja. 1994 Euskal pentsamentu magikoa II, Elkar, Donostia. GASTAÑEGA, Fray Martin de 1994 (1. arg. 1529) Tratado de las supersticiones y hechizerias y de la possibilidad y remedio dellas, edic. e introduc. J. R. Muro Abad, Instituto de Estudios Riojanos, Logroño. GINZBURG, Carlo 1992 Le sabbat des sorcières, Gallimard, Paris (Storia notturna, una decifrazione del sabba, Torino, 1989). GOÑI AZURMENDI, Karmele 1991 "Etnografía de Zerain: Ritos de pasaje, la muerte", Anuario de Eusko Folklore, 1991, 51-115 or. GRIMAL, Pierre 1951 Dictionnaire de la mythologie grecque et romaine. Presses Universitaires de France, Paris. HARTSUAGA, J. Ignazio 1987 Euskal mitologia konparatua, Kriselu, Donostia. HERITIER, Françoise 1996 Masculin-féminin. La pensée de la différence, Odile Jacob, Paris. JUANENA, Agurtzane 1991 "Hizkuntz sexismoa eta euskara", Jakin, 65 zbk. uztaila-agorrila. KALTZAKORTA, Jabier 1997 Lamia, Sorgin eta Tartaroen erresuma ezkutua, Labayru ikastegia eta BBK, Bilbo. LAFITTE, Pierre 1941 Le Basque et la littérature d'expression basque en Labourd, Basse-Navarre et Soule, Coll. Aintzina, Librairie "Le livre", Bayonne. LE BRAZ, Anatole 1994 (1. arg. 1922) La légende de la mort chez les bretons armoricains, in Magies de la Bretagne, Laffont, Paris. LEGARZA Y ASTEGIA, Joseba I. 1986 Urkiola, Ed. Santuario de Urkiola, Dip. de Bizkaia. LE GOFF, Jacques & LE ROY LADURIE, Emmanuel 1971 "Mélusine maternelle et défricheuse", Annales Economies, Sociétés, Civilisations, 1971, 3-4 : 587-622. 1977 Pour un autre Moyen Age, Gallimard, Paris. LERTXUNDI, Anjel 1995 Piztiaren izena, Alberdania, Irun. LEVI-STRAUSS, Claude 1985 La potière jalouse, Plon, Paris. LLOYD, Geoffrey 1993 Pour en finir avec les mentalités La Découverte, Paris (Demystifying Mentalities, Cambridge University Press, 1990). MARKALE, Jean 1977 Mélusine l'androgyne, Ed. Retrz, Paris. MARLIAVE, Olivier de 1995 Saints, sources et sanctuaires du Pays Basque, Aubéron, Bordeaux. MICHELENA, Luis 1990 (1. arg. 1964) Textos arcaicos vascos, Gipuzkoako Foru Aldundia, EHU, Donostia. MUNCHEMBLED, Richard. 1987 Sorcières, justice et société, aux XVIe et XVIIe siècles. OTT, Sandra 1993 (1981, The circle of Mountains: a Basque Sheepherding Community, Oxford U.P.) Le cercle des montagnes: une communauté pastorale basque, Ed. du C. T. H. S. Paris. OVIDIO (Ovide) 1966 Les métamorphoses, Garnier-Flammarion, Paris. PEILLEN Txomin 1991 «Noms de dieux», Bulletin du Musée Basque, 132 zb., Bayonne. PEÑA SANTIAGO, Luis Pedro 1989 Leyendas y tradiciones populares del País Vasco, Txertoa, Donostia. PROPP, Vladimir 1983 (1. arg. 1946) Les racines historiques du conte merveilleux, Gallimard, Paris. SATRUSTEGI, José María 1980 Mitos y creencias, Txertoa, Donostia. SEBILLOT, Paul 1968 (1. arg. 1904-1907) Le folklore de France, 4 tomo, Maisonneuve et Larose, Paris. VALLE, Teresa (del) 1985 Mujer vasca, imagen y realidad, Anthropos, Barcelona. VAN GENNEP, Arnold 1946 Manuel du folklore français contemporain, tome premier, vol I : "Du berceau à la tombe", Picard et Cie. Paris. VARAGNAC, André 1948 Civilisations traditionnelles et formes de vie, Albin Michel, Paris. VARAZZE, Jacob de 1967 (1264an idatzia) La Légende dorée (Legenda Aurea), Garnier Flammarion, Paris. VERDIER, Ivonne 1979 Façons de dire, façons de faire. La laveuse, la couturière, la cuisinière, Gallimard, Paris. VERNANT, Pierre 1996 Entre mythe et politique, Seuil, Paris. VEYRIN, Philippe 1955 Les basques, Arthaud, Paris. VIDEGAIN, Charles 1989 Le vocabulaire de l'élevage en Pays d'Oztibarre, doktorego tesia, Université de Bordeaux, arg. g. VINSON 1883 Le folklore du Pays Basque, Maisonneuve et Larose, Paris. WEBSTER, Wentworth 1993 Euskal ipuinak, 2 tomo, Xipri Arbelbideren argitalpena. WOOLF, Virginia 1996 (1929, A room of One's Own) Une chambre à soi, U. G. E. 10/18. Aurkibidea SARRERA I. MITOAK II. HURBILAK III. SARBIDEAK I. kapitulua EKAITZEGILEAK: DIBINITATE MENDITARRAK I. ANBOTOKO ANDEREA II. SAIAK, BELEAK ETA MURUKO DAMA III. ABADEA ETA ZALDUNA IV. ERROGATIBAK, MENDIKO ELIZAK V. EKAITZEGILEAK ETA APEZ KONJURATZAILEAK VI. GOIANDERE ORTZIGILEAREN JATORRIA VII. MELUSINA SUGEA VIII. HERENSUGEAK IX. ANDEREA ETA HERENSUGEA X. ANDROGINIA XI. ERREFLEXIBITATEA ETA AURKAKOEN BATASUNA XII. EKAITZEGILEEN ERRITUAK XIII. ANDEREA, ZERUKO DIBINITATEA II. kapitulua HERIOAREN IKUSPEGIAK I. ERRITUAK ETA MITOAK II. HERIOA NORK EDO ZERK EKARRI III. HERIOA EUFEMIZATUA IV. BIZITZEA ETA HILTZEA PAREKATUAK V. ONDO BIZI, TXARTO HIL VI. HERIO DESIRATUA III. kapitulua AUZO HARREMANAK LAMINEN ETA JENTILEN MITOETAN I. LAMINAK NOLAKOAK II. LAMINAK ESKE III. ELKARREN GOMITAK IV. LAMINEN ORRAZIA EBATSI V. LAMINEN EMAGINA VI. MAIRUAK, LAMIN OHOINAK ETA ARROLAN VII. LAMINA, BASAJAUN ETA JENTIL BAHITZAILEAK VIII. JENTILEN BUKAERA IX. MITOA ETA IDEOLOGIA IV. kapitulua URAREN AIPAMENA HAINBAT MITOTAN I. BEHEKO UR SINBOLIKOA: LAMINAK II. PARTE TXARREKO ZALDIAK III. URA ETA DENBORA IV. URA, ILEA ETA SUGEAK V. GOIKO UR NATURALA ETA EKAITZA: ANDEREA VI. EKAITZ ZALDUNA VII. URA EKARTZEKO TEKNIKA VIII. URA GAINDITZEKO TEKNIKA IX. ANIZTASUNA V. kapitulua EMAZTEAK EUSKAL MITOLOGIAN - I Mundu honetako bikoteak I. DEABRUA BAINO AZKARRAGO II. EMAZTE EZ-DEUSAK ETA BIKTIMAK III. AHAIDE NAGUSIEN LARDERIA IV. ARMAK ETA BIZARRAK V. SORGINKERIAREN ANTIDOTOA VI. AMA SORGINA ERRE VII. AMA IZUGARRIA ETA ODOL GAIZTOA VIII. HEMEN ERE TXAKURRAK ORTOZIK VI. kapitulua EMAZTEAK EUSKAL MITOLOGIAN - II Dibinitate femininoak I. ANBOTOKO ANDEREA, AMA LURRA OTE? II. ANDEREA, EUSKAL MITOLOGIAKO DIBINITATE NAGUSIA? III. ZERUAN BEZALA LURREAN ERE? IV. INTERPRETAZIOAK MITO BALIO DU V. LURPEKO AGINTEA? VI. LOGOS BARIKOAK VII. ZERUARI SO ETA MAILUARI LOT VII. kapitulua APEZEN IRUDIA TRADIZIOAN I. APEZAK GAUEZKOEN GARAILEAK II. SORGINEN AURKAKOA III. APEZ SORGINAK IV. EIHAR-MEZA V. APEZ EKAITZ KONJURATZAILEAK VI. APEZ EKAITZEGILEAK VII. APEZ KONDENATUAK ETA ARIMA ERRATUAK VIII. ISEKAK: APEZ EMAZTEZALEAK, JALEAK IX. APEZ OSAGILEAK X. APEZ ERREKERITZAILEAK X. APEZ HEROI SALBATZAILEAK VIII. kapitulua BIDARRAIKO HARPEKO SAINDIA I. BIDEA II. LEKUA III. ERRITUA IV. OTOITZA ETA ESKAINTZA V. BEILARIAK VI. SENDATZEAK VII. PUNIZIONEAK VIII. HASIERAKO MITOA IX. SINESTEA IX. kapitulua MARI, MAIRU ETA BESTE I. MARI II. MAINDI, MAIDE, MAIRI: BA OTE DIRA? III. MAIRUAK NOR DIREN IV. MARI-NAHASTE X. kapitulua EUSKARAZKO HITZ GENERODUNAK ETA AHOZKO TRADIZIOA I. HITZEN ATZEALDEA II. 'GIZA'REN BELARRIPUNTA III. ALTERNATIBAK BADIRA TRADIZIOAN III. A. Hiztegiak III. B. Ahozko tradizioa III. C. Literatura IV. HITZ NEUTROEN BALIOA V. AMAITZEKO ORDUA BIBLIOGRAFIA Oharrak [←1]1 Kapitulu hau hitzaldi batean oinarritua da, Eusko Ikaskuntzak, 1997ko urriaren 24 eta 25ean antolatu Basoaren eta mendiko gizarteen antropologiaz ihardunaldietan aurkeztua. 1998an Zainak aldizkariko 17. alean argitaratu izan da. [←2]2 'Giza' eta 'gizon' sinonimotzat dauzkat, genero maskulinokoak. Arrazoina azken kapituluan azaldua da. [←3] Mintzaldia Gure Irratian, 1998ko urriaren 14an. [←4] Mintzaldia GURE IRRATIAn, 1998ko azaroaren 25an [←5] GURE IRRATIko mintzaldia, 1998ko abenduaren 23an. [←6] Gure Irratiko mintzaldia 1999ko otsailearen 10ean. [←7] Giza eta gizon sinonimo gisa erabiltzen ditut. Arrazoinak azken kapituluan dira. [←8] Gure Irratiko mintzaldia, 1999ko martxoaren 10ean [←9] Gure Irratiko mintzaldia, 1999ko apirilaren 7an. [←10] Kapitulu hau lan luzeago baten laburpena da: Bidarraiko Harpeko saindua, Haranburu, Donostia, 1985 [←11] Kapitulu honen oinarrian den artikulua 1996n argitaratu zen Baionako Euskal Erakustokiaren boletinean (Bulletin du Musée Basque de Bayonne).
booktegi.eus http://www.bidehuts.net/ Hitzaurrea Behin batean Maddi, gure bederatzi urteko alaba, Mursegoren kontzertu batera eraman nuen. Han geratu zen. Eta, zortzi hilabete igaro diren arren, ez da oraindik itzuli. Mikroipuin bat izan zitekeen goiko hori, Mursegoren musikak eragiten duen bahitura-sentsazioa islatzeko egokia, agian. Sinetsita bainago Mursegoren pop-ak harrapatzen duen horietakoa dela: Hiru diskoa, lehenengo kantatik hamaikagarreneraino, horren lekuko da. Eta pop-a diot, hitzaren zentzu zabal eta nobleenean: rocketik, abangoardiatik, klasikotik eta (geografia ezberdinetako) folketik edaten duen pop-a da Mursegorena; hau da, egungo musika herrikoia alegia, hemengoa, “hemen” leku guztiak direlako jada. Pop bat non hizkuntzak nahasten baitira, euskara atzerrikoa, gaztelania erbeste galaktiko batekoa eta portugesa edo suomiera (kasik) etxeko bihurtuz. Hiru entzuten bururatu zait, bestalde, euskal musikan inoiz benetako tropikalismorik existitu bada, orain eta hemen dela (“Euskadi Tropikal” haren haizeak iparraldetik etorri zirela iruditu zait niri beti…). Badago beste kontu bat, azkenik, azpimarragarria, eta aurreko diskokoekin konpartitzen dutena Hiru honetako kanta gehienek: istorio bat dutela bere baitan, ipuin bat ia; filmezale batek, ordea, diskoko kanta askoren izaera zinematikoa nabarmenduko luke, ziurrenik. Pelikulak eta ipuinak gustatzen zaizkigunontzako opariak dira, edonola ere, Mursegoren diskoak. Eta hiru dauzkagu honezkero: biblioteka txiki bat. Eta honek goiko mikroipuinaren amaierara nakar atzera. Honatx: Promoaren testuari azkeneko puntua ipini, CD jogailua gelditu eta bertatik atera dut Mursegoren diskoa. Norbait atea jotzen ari dela ohartu naiz orduan, eta, niri «Aurrera!» esateko astirik eman gabe ere, hemezortzi edo hemeretzi urteko gazte bat sartu da gelan: «Aita! Aurkitu egin zaitut, azkenean! Non ibili zara denbora honetan guztian…?». Eta Maddik, gure alabak, gainera egin dit jauzi, ni besarkatzeko asmoz. Iban Zaldua Irudiak 1, 21, 39 – Ramon M. Zabalegi 5, 10, 12, 15, 17, 31 – Victor Iriarte 7, 9, 32, 38 – Ivan Montero 11, 14 – Luis Beltza 18, 19, 22, 25, 27 – Juan G. Andres 29, 35 – Igor Zalbidea 36 – ‘Amama’ filma 37 – Asier Altuna. Ende Eguna argitzen ari da tren geltokian. Negua bukatu da azkenean eta esnatu egin naiz. Agurtu eta abesten jarraitzeko ordua heldu da Trena irtetera doa, trena irtetera doa, trena irtetera doa. Eguna argitzen ari da tren geltokian, bizitzak eta heriotzak bagoi berean bidaiatzen dute Iparralderantz doan bagoian. Oraindik goiz da “MUR-SE-GO”oihukatzeko baina saguzaharra esnatu da. Oraindik goiz da, baina izotza urtzen hasia da. Presta zaitez, hau bidaia bat da, bidaia luze bat. Ziutateak, mendiak, kobazuloak, zoologikoak, sukaldeak, Europa erdia, Afrika, itsaso eta itsasazpiak zeharkatuko ditugu. Bizitza eta heriotza eskua emanda, galtzeko beldurrik gabe, bizkorrago joateko beldurrik gabe hegan ateratzeko beldurrik gabe, beldurrik gabe. Victor Iriarte Donki Kongu 3, 2, 1, 0... Joku hau hastera doa: Donkey Kong-ek Pauline darama eskaileratan gora ohiuka: “Help me! Help me!”. Jumpman arotzak, soineko urratudun ilehoria askatzea du helburu, bera bait da bere ametsetako printzesa: “Zaude lasai askatuko zaitut, oh Pauline ene maitea!”. Bibotea konpondu, txapela jantzi eta hor doa bere azukre koxkorra erreskatatzera. Bienbitartean Donkey Kong tximino erraldoiak barrileteak botatzen dizkio, baita suzko bolatxoak. Salto, bira, txiribuelta, oztopo guztiak saiestuz, Jump, jump, go, go! Bigarren pantaila pasa du eta hirugarrenera heltzean igogailuan gora eta behera ibili behar du. Objetu jauzilarien gainetik salto egin eta goitik erortzen zaizkion pisuen azpitik korrika egin, barrilete eta suzko bolak gero eta ugariagoak. Ondo dabil benetan fin Jumpman Mario Bros jauna, markagailua ere gorantz doa: 6.996, 6.997, 6.998, 6.999, 7.000 puntu! BONUS, hiru aukera gehiago! Heldu da azkenean amaierako pantailara, ehun metro eraikinean gora, 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8 errematxe lurretik kendu eta Donkey gorila laister batean erori da , grabitatearen indarrak bultzatuta. Paulinekin dago Mario, pare bat segundu baino iraungo ez duen zoriontasunean, Oh, meu coraçao, esto se acaba, Game Over, Game Over. Zuek zarete za! Zabal, zaburrak, zahato, zahi, zahin-birrin, zahittu, zaindu, zaldi, zaldi-bide, zaldizkuak, zaldun, zaltegi, zama, zamar, zamarra, zamau, zan, zan-bedar, zanga, zan-gorri, zan-oker, zan-tiratu, zan-zuzen, zapaburu, zapaldu, zapaluna, zaparrada, zapasalto egin, zapatari, zapatu ingles, zapero, zapi, zapixak jo, zapo, zapo-bedar, zapoburutx, zapo-kipula, zapo-lora, zapo-perretxiko, zapu-berbeta, zaputs, zaputz, zapustu, zara, zaragi, zarba, zarbo, zarbo-ezkaillo, zardai, zaregin, zarratu, zartara, zartau, zatar, zaunka, zauri, zazpihortz. Zuek zarete za-za-za! Zuek zarete za-za-za Itsas urpekarien dantza Zatoz, zatoz gurekin Kaltzetinen irlara han erakutsiko dizugu itsas urpekarien dantza. Ez ahaztu aletak eta neoprenoa, betaurreko eta tuboa berunezko zinturoia. Olagarro jauna, manta arraina, eta itsas izarrak, erakutsiko dizute zein den dantza honen koreografia. Heldu da momentua, dantzatzeko garaia. Hemen da, badator, dantzarako unea. Pausu bat atzera beste bat aurrera, gira eta buelta burbuxak. Hegaluzea pistoarekin Osagaiak: 4 hegaluze solomo lodi, hezur eta azalik gabe, 220 g bakoitzak. 4 baratxuri ale. Kg erdia barazki-pisto, dagoeneko maneatua. 3 koilarakada oliba olio. Ximiko bat irin. Xorta bat ardo zuri. Olioa eta baratxuriak, erditik moztuak, jarriko ditugu padera batean. Gorritu orduko aterako ditugu baratxuriak. Hegaluze puskak ipiniko ditugu ondoren, irinetan pasa eta gero. Binaka egingo ditugu, pare bat minutuan: txigortuta geratuko dira kanpotik eta mamitsu barrutik. Erretilu batera aterako ditugu, olioa isur dezaten. Pisto beroan sartuko ditugu ondoren solomoak: su eztian edukiko ditugu gutxienez 5 minutuan, kazolari eragin eta eragin, xorta bat ardo zuri isuri bitartean. Sutatik atera eta epeltzen utziko dugu kazola. Epe baten ondoren, berriro edukiko dugu kazolan su ezti-eztian, beste 5 bat minutuan. Sutatik atera eta zerbitzatu. Europa zaharreko banpiroen guda Gaua zen itsas beltzean guda hasi zenean, eta gure hegalak itsasontzien haizeoihal bihurtu ziren. Sebastopol, Bucarest, Estambul, Transilvania, Dardalenoetako itsasartea, Karpatoetako mendiak, Varsovia, Berlin, Rotterdameko portua, Normandia, Bilbao, Bilbao, Bilbao… Berandu da, berandu heldu gara eta denak hilda daude jada. Ez dago ezer egiterik, ez da odolik geratzen, beraien artean elkar hil dute. Baso guztiak erre dituzte, ez dago deus ere, orain gu ere desagertuko gara. Ez da ezer geldituko, hau bukaera da, amaitu da, ezingo dugu biziraun. Eta milaka milioi urte barru, berdina gertatuko balitz idatzita utziko dugu egin beharrekoa: “Hurrengoan bizkorrago korrika egin”, ez zaitezte izkutatu lurrez betetako hilkutxa batian. Hurrengoan ez itxaron odolaren berotasuna desagertu arte, ez egon zai. Eta beste aukera bat egongo balitz, heldu zaitezte dena bukatu baino lehen. Karrikakorri azkar ibili, hainka egin ezazue Karrikakorri bizkor, kozka egin ezazue. Denborak ez bait dizue jaten emango. Denborak ez bait dizue jaten emango. Victor Iriarte Iraganik gabeko emakumea Ez dut gogoratzen trenez egin genuen lehenengo bidaia. Ez dut gogoratzen zein barkutan zeharkatu genituen izotzezko itsasoak. Ez dut gogoratzen zer gertatu zen Iparralde zabalera heltzean. Zuk diozunez fabrika ondoko tabernan kantatzen nituen tango zahar finlandiarrak, te poltsatxo bat eramaten nuen poxpolo kaxa batian sartuta, banekien “kanela” hitza esaten finlandieraz. Eta hau maitasun abesti bat balitz, iraganik gabeko emakumearen abestia litzateke. Marku Peltola izango nuke ondoan begietara begiratuz galdezka noiz eta nola, noiz eta nola, galdu genuen dena MicroscopioDe lejos todo se ve, más pequeñito. De lejos todo se ve, más pequeñito. Pero señoras y señores, hacia 1610 Galileo según los italianos o Zacharias Janssen en opinión de los holandeses inventaron el... MMMIIICCCRRROOOSSSCCCOOOPPPIIIOOO. Así los organismos microscópicos, micoorganismos unicelulares, microbios autónomos, procariotas, eucariotas, bacterias, protozoos, algas, hongos e incluso los organismos de tamaño ultramicroscópico como los virus, hasta entonces invisibles al ojo humano, pudieron ser estudiados por la microbiología. Aquellos pequeños seres diminutos que corrían, correteaban, de un lado para el otro del cristal fueron analizados, diseccionados, inspeccionados, gracias a aquel invento revelador como fue el... MMMIIICCCRRROOOSSSCCCOOOPPPIIIOOO ------------------------------------------ Urrutitik dena txikiago ikusten da. Urrutitik dena txikiago ikusten da. Baina jaun andreok, italiarren ustez, 1610ean, Galileok edo holandarrek diotenez berriz Zacharias Janssenek, MMMIIIKKKRRROSSSKKKOPPIOOOAAA, asmatu zuten. Honela, organismo mikroskopikoak, microorganismo unizelularrak, mikrobio autonomoak, prokariotak, eukariotak, bakteriak, protozooak, algak, onddoak , baita orain arte gizakiarentzat ikustezinak ziren tamaña ultramikroskopikodun birusak, mikrobiologiak ikertu ahal izan zituen. Kristalaren alde batetik bestera igerian zebiltzan izaki ñimiñoak, aztertuak, desekzionatuak, miatuak izan ziren asmakizun errebelatzaile bihurtu zen MMMIIIKKKRRROSSSKKKOPPIOOO-ari esker. Argia zara Munduko azken hiriko azken kaleko azken etxean bizi zara, inor inoiz ere egon ez den lekuan. Bertan ematen dituzu mende ororen urte ororen gau eta egun oro, Beti eta beti bizi izan zara bertan eta postalik ez da sekula iritsi zure buzoira. Inork ez du zure sekretua antzematen. Inork ere ez dizu inoiz ere galdetu konpainiarik behar duzun, norbaitekin afaltzea maite duzun, norbaitekin hegan egitea, norbaitekin paseatzea. Ahantzi zitzaien galdera horiek egitea Esaidazu non bizi zaren, non zauden, nor zaren. Gutun bat idatzi dizut edo again abesti bat. Victor Iriarte Zaldi basatiak Gau epela sutondoan, zaldi basatiak urrutian. John Huston, Arthur Miller Clark Gable, Montgomery Clift eta Marilyn. Kantuan, whiskya eta kafea edaten dute, Nahiz eta tartean ixilik egoten ere badakiten. “Zer egingo dugu bihar?” galdetzen du norbaitek. “Mendebalderantz joan, zaldi basatien bidetik”. Victor Iriarte El paseo Árbol, Cielo, Montaña, Sombra, Nubes, Hielo, Nieve, Río, Agua, Paseo, Caballo Perdedor, Pájaro, Sombra, Ojos, Vino, Gloria, Pasos, Trueno, Helada, Tiempo, Pantano, Manos, Luces, Piedras, Nieve, Nieve, Nieve, Vivos, Muertos, Luz, Luz Luz Más Luz Más Luz Más Luz Y Tú Y Tú Más Tú Más Tú Tú Tú Tú. -------------------------------------------- Zuhaitza, Zerua, Mendia, Itzala, Lainoak, Izotza, Elurra, Erreka, Ura, Pasialdia, Zaldi Galtzaile, Txoria, Itzala, Begia, Ardoa, Gloria, Pausuak, Trumoia, Izozte, Denbora, Aintzira, Eskuak, Argiak, Harriak, Elurra, Elurra, Elurra, Bizidunak, Bizigabeak, Argia, Argia, Argia Argia Argiago Argiago Argiago Eta zu Eta zu Zureago Zu Zureago Zu Zu Zu Zu Victor Iriarte Savana violenta Zeu zara pantera gizona zeu oihaneko erregea emaiguzu zure boterea ikustezin bihurtzeko ahalmena ehiztari ausartaren kemena katamotzaren ikusmena beldar lepidopteroaren usaimena hontz zuriaren entzumena Emaiguzu zure boterea emaiguzu zure indarra Komodoko dragoiekin meriendatzeko pirañadun erreketan bainua hartzeko angila elektrikoa eskuekin laztantzeko krokodriloei hortzak garbitzeko sabanako lehoiari muxu emateko zenbait igelen azala miazkatzeko Emaiguzu zure boterea emaiguzu zure indarra Cumbia villera de la Ciudad Armera Cumbia esquimal no está tan mal, cumbia esquimal no está tan mal, ponte los guantes, ponte las botas, ponte orejeras, ponte manoplas. No está tan mal aunque no es tropical, yo a ti te quiero el frío da igual. Cumbia esquimal, cumbia esquimal, saltos de esquí, amor boreal, pantalón doble, grasa de foca, termolactíl, lana en la boca, no está tan mal, es animal, antes del fuego echamos la sal. Neu naiz zure gasolina, neu zure penizilina, berotzeko klima, behar duzun bitamina. Cumbia esquimal, no está tan mal, yo a ti te quiero la fiebre da igual. Ahaztu ‘couldina’, ahaztu ‘aspirina’, ahaztu morfina, gora anfetamina! Amor boreal, amor sin igual, la cumbia villera antitropical. Kendu sordina, jarri martxan turbina, zuk behar duzuna da nire gasolina. Nik diñot ‘dame más gasolina, dame más dame más dame más...’, emaidazu zure gasolina. Quitanieves para mi, quitanieves para ti, ‘frigodedo’ zuretzat, ‘frigodedo’ neretzat. --------------------------------------------------------------------------- Kunbia eskimala, ez dago horren batere hain gaizki, jantzi itzazu eskularruak, jantzi itzazu botak, Jantzi itzazu orejerak, Jantzi itzazu manoplak Nahiz eta tropikala ez izan, kunbia eskimala ez dago horren gaizki, nik maite zaitut, hortzak berdin dio kunbia eskimala , kumbia eskimala, eski jauziak, maitasun boreala, fraka bikoitza, foka koipea, termolaktila, artilea ahoan, horren gaizki ez dago, basatia da, sua egin baino lehen , gatza botatzen dugu yo soy tu gasolina, yo tu penicilina, la gasolina que necesitas para templar el clima. Kunbia eskimala horren gaizki ez dago, nik maite zaitut, sukarrak berdin dio. Olvida la “couldina”, olvida la “aspirina”, olvida la morfina ¡viva la anfetamina! maitasun boreala, maitasun paregabea, kunbia villera antitropikala, quita la sordina , pon en marcha esa turbina lo que tú necesitas es mi gasolina. Yo te digo: : “emaidazu zure gasolina”, “dame más gasolina” “dame más gasolina”, elurra kentzeko makina zuretzat , elurra kentzeko makina niretzat , “Frigodedo” para ti, “Frigodedo” para mi. Victor Iriarte eta Mursego Eusnob Kafea eta galletaken ezagutu zintudan, Kokoshca-k Nicoren Desertshore pintxatu zuen egun hartan, Garrelen filmografia osoa buruz aipatu zenidan, zeure herriko zineklubean mahai inguruak gidatzen zenituela. Nouvelle Vague eta zinema japoniarrean aditua, Fritz Lang, Truffaut, Tati, Duras, Varda, Visconti, Houston, Kaurismaki, Kiarostami, Kusturika, Kawase, Kurosawa, Kim ki duk, Won Kar Wai, Jarmusch, Buñuel, Val del Omar, Rosales, Iriarte, Lakuesta eta Jordáren mireslea… Zu euskal intelektuala, homo sapiens kontzeptuala, ahoa ireki eta berehala konturatu ginen eusnob bat zinela. Musikazale amorratua, soziologian doktoratua, makrobiotikan aditua, artista frustratua. Liburujale aseezina, saiakera filosofikoen irakurle fina, zutabegile geldiezina, blogosferako gatz eta pipermina. Berria, Argia, RDL eta Ruta 66-en harpideduna. Carne Cruda, El septimo vicio, Lizardiren baratzaren entzulea. Zabaleta, Ocariz, Rozas, Rodríguez ahizpak, Jeletonen zale sutsua. Galfarsoro, Escohotado, Zizek, Deleuze, Lacanen jarraitzaile petoa. Zu euskal intelektuala, homo sapiens kontzeptuala, ahoa ireki eta berehala konturatu ginen eusnob bat zinela. Usopop, Primavera Sound, Xiru, Lemon Day, Bebarruko Jardunek, Sonar… Ertz festibalera tapoirik gabe joaten zarenetakoa… Anjel Erroren twittak retwitteatzen dituztenetakoak, berak bezala taktel txandala gorbatarekin gonbinatzen duzu. A topa tolondro, Love of 74, Separata, Lapiko kritikoa… egunero begiratzen dituzu. Berlin eta New Yorkera bidaiak... Ajoblanco zaharrak irakurri, egun Jot down eta Diagonala… Zu VIVIR Rafael Berriori ‘Vivir es sentirse perdidos y las únicas ideas verdaderas son las de los náufragos. El que no se siente de verdad perdido, se pierde inexorablemente’ Ortega y Gasset Vivir es cruzar los mares, beber sus puertos, oler a sal, subir todos los volcanes, pasear sus islas, conocer sus faros, tatuarse una sirena, un corazón, un mapa misterioso, la letra a, dos anclas, una goleta, seis nombres de mujer, y tres de hombre, una fecha de futuro y otra fecha, a la espalda, de pasado. Vivir es una piedra brillante, es la deriva, el viento sur, los mares fríos, sus témpanos, palmeras, huracanes la calma, el azul de la aurora, y de la vía láctea, el eco, de las ballenas, de las ballenas, de las ballenas. Vivir es una balsa de la medusa, ya sin nadie, ya sin rumbo, ya sin miedo, y a la vez, los cuatro puntos cardinales. Bizitzan ere, noraezean egiten du aintzinera naufragoak, ez du biderik aurkitzen ez mugarik zeharkatzen, halaxe du bizirik irauten. -------------------------------------------------------------------------------------------- a Rafael Berrio “Bizitzan ere, noraezean egiten du aintzinera naufragoak, ez du biderik aurkitzen ez mugarik zeharkatzen, halaxe du bizirik irauten.” Bizi izatea itsasoak zeharkatzea da, haien portuak edatea, gatza usaintzea, sumendi guztiak igotzea, haien irletan paseatzea, haien itsasargiak ezagutzea, sirena bat tatuatzea, bihotz bat, mapa misteriotsu bat, a hizkia, bi aingura, goleta bat, sei izen emakumezko eta hiru gizonezko, data bat etorkizunekoa eta, bizkarrean, iraganekoa beste bat. Bizi izatea harri distiratsu bat da, jitoa, hego-haizea, itsaso hotzak, haien izotz-puskak, palmerak, urakanak, barea, urdina egunsentiarena eta Esne Bidearena, oihartzuna baleena, baleena, baleena, baleena. Bizi izatea Medusaren baltsa bat da, inor gabe jada, norabide gabe jada, beldur gabe jada, eta, era berean, lau puntu kardinalak. Vivir es sentirse perdidos y las únicas ideas verdaderas son las de los náufragos. El que no se siente de verdad perdido, se pierde inexorablemente. Victor Iriarte Otte Batak txerto bat aurkitu du, besteak sofa bat eskuratu du subasta etxean Batak hitzegiteko erraztasuna du, besteak txikigarri tontuak erabiltzen ditu: irriño, laguntto Batak dirua irabazten du burtsan, bestea tratuan dabil beti auzoko dendetan Batak plater konplikatuak egiten ditu adiskideentzat, bestearen platerei beti falta zaie gatz piska bat Batak puntualtasunez garraiatzen du merkantzia, bestea puntualkeriaz aritzen da asto lanetan Batak goxotasunez jotzen du txistua, bestea goxokeriaz aritzen da txistuka Batak garbitasunez ukitzen nau, besteak garbikeriaz urratzen nau Batak adeitasunez egiten du eztula, besteak adeikeriaz garbitzen du zintzurra Batak doitasunez irakurtzen du, besteak doikeriaz pasatzen ditu orriak Bata duintasunez bizi da, besteak duinkeriaz bizirauten du Batak azkartasunez gidatzen du, besteak baldarkeriaz mugitzen du bolantea Batak xarmantasunez edaten du, bestea xarmankeriaz mozkortzen da Batak etorri atsegina du, bestea berritsu hutsa da. Batak xaloki egiten du negar, bestea umekeriaz hasten da negar batean Bata galantaskoa da besteentzat, bestea hor ibiltzen da besteak berotzen Bata edadedun gizon dotorea da, bestea atso zaharra (Louise Bourgeoisen ‘Otte’ poemaren moldaketa) Nietzschek zaldi bat besarkatu zuen Ni etxean nengoela pentsatzen, ni etxean Nietzschek zaldi bat besarkatu zuen Torinon Existitzeari utzi baino lehenago Nietzschek zaldi bat besarkatu zuen Torinon, negarrez... Haren lepoko zainetan odola sentituz Ni etxean nengoela pentsatzen, ni etxean, Nietzschek zaldi bat besarkatu zuen Torinon Barkamena eskatuz gizakiaren basakeriagatik Lepoan muin eman zion, lepoan muin zaldiari Ni etxean nengoela pentsatzen, ni etxean Nietzschek zaldi bat besarkatu zuen Torinon Ex East itzeari utzi baino lehenago, Zaldiaren arnasa, zaldiaren odola zainetan barrena Ni etxean nengoela, Nietzschek Torinon... Zure liburu guztiek baino gehiago esaten dit horrek, Nietzsche maitea, zuk zaldi bat besarkatzeak Torinon, negarrez... Harkaitz Cano LAS MINAS DEL REY SALOMÓN Montaña dentro sal montaña fuera estás los monos salen ya area errekan barna ura ate atzean urrea urjauziaren azpian da. Montaña dentro sal montaña fuera ya Rey mono grita a los suyos Reina se enfada la reina se enfada el tesoro madre dime dónde está tú dime dónde estás tú dime dónde vas. Los monos centinelas gritan sin parar el tesoro madre dime dónde está esaidazu ama altxorra non den esaidazu ama nora zoazen. Mosquitos como arañas te perseguirán arañas como erizos te quieren matar. Hona hemen meatzeak beldurra meatzetan oihana meatzetan miedo en las minas selva en las minas. Esaidazu ama non zauden. Oh rey de la montaña! Oh reina! Tom Simpson ziklista eta Arthur Cravan boxeolaria esaidazu ama non dauden. A los pies tenía bajo la montaña cerca la colina una casa… ¡Viva! Es el tesoro madre es lo que yo tenía madre es lo que yo quería una casa en África. horra altxorra ama huraxe nik neukana huraxe nik nahi nuena etxe bat Afrikan Salanikalesala Salanikale, Markina Burkina, Salanikale, Zaldibia Namibia, Salanikale, Zumaia Zimbabwe, Salanikale, Barrundia Burundi, Salanikale, Zierbana Botswana, Salanikale, Ea Eritrea, Salanikale, Añana Ghana, Salanikale, Zaldibar Zanzíbar, Salanikale, Maule Mali, Salanikale, Etxebar Dakar, Salanikale, Nikalesala, Ungubani Ingomalako, Indokazi Umbaba, Inkosikasi Umama, Likupi Molete, Iganda Kunuye, Isibili Kutatu, Okune Amatatu. Berlin sutan Zure izena, leku bat, zure izena leku bat da. Kaleak, zure eskuak, nire eskuak dira zure odola, nirea. Zure izena, etxeak, etxe guztiek zure izena, leiho guztiek zurea. Leku oro gara, gauza oro gara, animalia oro gara, gu gara. Zure izena existitzen ez den leku bat besterik ez da. Berlin sutan, Berlin sutan, Berlin sutan, Berlin sutan. Victor Iriarte Retaguardia Ez dut maite abangoardia, ez dut maite situazionismoa, ez dut maite modernismoa, are gutxiago postmodernismoa. Ez dut maite abangoardia, ez dut maite situazionismoa, ez dut maite modernismoa, are gutxiago postsituazionismoa. ‘Yo prefiero la ensalada a Beethoven y Sinatra, a Vivaldi, uvas pasas que me dan más calorías’. Itsas urpekarien dantza Zatoz, zatoz gurekin Kaltzetinen irlara han erakutsiko dizugu itsas urpekarien dantza. Ez ahaztu aletak eta neoprenoa, betaurreko eta tuboa berunezko zinturoia. Olagarro jauna, manta arraina, eta itsas izarrak, erakutsiko dizute zein den dantza honen koreografia. Heldu da momentua, dantzatzeko garaia. Hemen da, badator, dantzarako unea. Pausu bat atzera beste bat aurrera, gira eta buelta burbuxak.
http://www.booktegi.eus/ SORGINBASOA JOHN BUCHAN ITZULPENA: ARITZ BRANTON Denbora, aitonak esaten zuenez, geldirik zegoen haren haran hartan. Baina esapide horren egiatasunak ez zuen berak baino luzeago iraun: aitonaren hilobiaren gainean zeuden bitxiloreak ihartu orduko, mundu berri bat ari zen ate-joka. Hori duela hogeita hamar urte gertatu zen, eta, gaur egun, bukatuta dago iraultza. Parrokiaren izena aldatu egin dute; eliza – harana bi mendetan zehar zaindu zuren kutxa zuria– eraberritu egin dute, adreiluzko estilo gorri aspergarri bat ezarriz; orain, trenbide nagusi bat dago Aller ibaiaren ertzean barrena, eta horren gainean dabilen zerbitzu bikainak ehun miliatik ekartzen ditu udatiarrak; etxeak eta dendak Oreinmendiko itzalpean taldekatu dira; ospe oneko barnetegi bat dago gazteentzat; bi ostatu, biak zaharberrituta; auto-lantegi bat eta banketxe bat. Orain, gunerik garrantzitsuena ez da herri zaharra, berria –geltoki ondoan dagoena– baizik, eta, herri zaharrean, lastoz egindako teilatu batzuk baino ez daude, erreka baten ondoan barreiatuta. Gizakiaren etsairen batek estolda bat bezain zuzen joaten irakatsi dio errekari eta porlanezko zubi bat jarri du haren gainean; etxeetako lastozko teilatuak xafla berde metalikoz ordezkatu dira. Elizako esparru zaharreko hondakinetan bakarrik ez dute muturra sartu; horiek gogoratzen ditudan bezalaxe daude, belaunetaraino iristen diren lapaitzez eta osinez inguratuta, eta birrintzen ari den morterorik gabeko hesi batez Crossbasketeko behi ikusnahiengandik babestuta. Jende zaharra ere joan da eta haien izenak ere desagertzen ari dira eskualdetik. Hawkshawtarrak ni jaio baino askoz lehenago desagertuta zeuden Kaledoniatik; hamazazpigarren mendean, Edinburgoko familia burges errespetagarri bat etorri zen; orain, familia horrek mendebaldeko leinu baldarrago bati utzia dio lekua. Orain, baserritar gehienak berriak dira, eta laborariek ere –zeinen leinuek iraunkorragoak izan behar bailukete– mugitu egin dituzte beren hezur motelak. Postariak jakinarazi dit gaur egun Woodileen ez dagoela Monfriestarrik, Pennecuiktar bat bakarra dagoela eta Ritchietar eta Shillinglawtar bina baino ez daudela; garai batean, berriz, oso ugariak ziren abizen horiek. Hain eraberrituta dagoen mundu batean, alferrikakoa zen haurtzaroan txunditu ninduten kontakizunak bizirik aurkitzeko itxaropena izatea. Inork ere ezin zidan esan noiz eta zergatik bihurtu zen hondakin Crossbasketeko lokaztiaren ondoan dagoen eliza, eta barrabasek hilarriak estali. Gehienek ez zekiten eliza izana zela ere. Horrek ez ninduen harritzen, Woodileeko elizak ia hiru mende zeramatzan-eta erabili gabe: txikia nintzenean ere, lagun gutxik zekien azken artzainaren berri ematen. Afera kontakizuna izateari utzia zion, eta ‘lelo’ hutsa bihurtua zen orain; guztiek bazekiten zerbait, baina gutxik azal zezaketen esanahia. Nire jakin-mina Jess Blanek, baserri-arduradun baten alabak akuilatu zuen lehenengo aldiz. Nik egindako zerbaitek sumin-zurrunbilo batean murgilduta, erregutu egin zuen Woodileeko artzainari geratu zitzaiona niri ere gerta zekidala, eta hori, esan zidanez, ni "deabruak harrapatzea eta berarekin eramatea" izango zen. Beldurtu samar, umezainari eraman nion kontua, eta hark, erabat asaldatuta, "buru-huts lotsagabetzat” jo zuen Jess, "umeen burua gezur beltzez betetzen dituen horietakotzat". "Ez beldurtu, maitea", lasaitu ninduen. "Deabrua ez zen Woodileeko artzainaren bila etorri. Beti entzun dut gizon ona eta lagunkoia zela. Maitagarriak etorri ziren, bihotza. Eta, horiekin, pozik bizi izan zen eta pozik hil, eta ez zitzaion inoiz ezer falta izan". Gogoan dut informazio hori jolaskideek osatzen genuen klani eraman niola; beren etxeetan hedatu zuten eta baieztapenak edota ezeztapenak jasota itzuli ziren. Batzuek deabruarenari eusten zioten; beste batzuek, maitagarrienari; beraz, agerian geratu zen tradizioak bi ahots zituela. Maitagarrienok besteak baino gehixeago ginen, eta, apirileko iluntze batean, hondoratuta zegoen eliza ondoan izan genuen borrokan, deabruarenak menderatu egin genituen eta gure bertsioa kanonikotzat jarri. Baina, datu bakar hori izan ezik –Woodileeko artzaina maitagarriekin alde egin zuela–, kanona hutsik geratu zen. Urte asko geroago, liburu eta leku anitzetan aurkitu nuen kondaira: Herbehereetako unibertsitate batean zegoen inkunable batean; Lancashire konderriko familia katoliko baten liburu-gelan; Wisharten Montrose liburuaren bigarren edizio batean egindako ohar batzuetan; Hebronen kapitain baten eta Londreseko eskularru-egile baten egunkarietan; neska galestar baten ikasliburuan. Kontakizuna ondo samar osatu ahal izan nuen, baina kostatu egiten zitzaidan ezagutzen nuen Woodileen kokatzea. Paisaia hori zibilizatua zen, misteriorik gabea, zedarrituta, misteriorik gabea: konifero aukeratuez osatutako basoek –metodikoki landatuek– eta harrizko hesi matematikoek inguratzen zituzten muino-tontor biluziak, sasoi batzuetan, goibelak, baina, normalean, Pickwick jaunaren burusoiltasunaren antzekoak; haranaren hondoan, larre lerrotuak; erreken neurritasuna arretaz drainatuta zegoen eskualde hartan; herriko beira, harri eta metal dotoreak… Egia zen Aller ibaiak etxekotu gabeko erreka ederrak iragaten zirela handik bi miliatara; horrez haraindi, zelai ilunen gainean altxatzen ziren muinoak, zeruaren erdiraino, eta Rood ibarrak ezpata bat sartzen zuen zeruaren bihotzean. Baina Woodilee bera… Nortasuna nora joan zitzaion? Antzina (liburuetatik nekien), Melanudrigillgo baso handia goitik jaisten zen eta, olatu beltzez osatuta, herriaren ertzak ere zipriztintzen zituen. Baina, asfaltozko errepide distiratsuak, pil-pilean zeuden telegrafo-kableak, etxebizitza txukunak, larre perfektuak eta zainduak baino zainduagoak ziren basoak ikusita, ezin nuen irudi hori berreskuratu. Halako batean, iluntzean, Oreinmenditik, beste modu batean ikusi nuen. Zeruak berunezkoa zirudien, bitxia, eta, ilunabar aldera, ostarte urdin bat zekarren; beraz, itzalak era bitxian ageri ziren. Hasieran, zera pentsatu nuen, hain ondo ezagutzen nuen lekuari begira nengoela: jenerala izan banintz, eta kanpainan ibili, Woodileeri arreta handia emango niokeen, talaia bat zelako. Eskoziako erdigunea eta hegoaldea lotzen dituen mendatearen erdian –errepideen eta ureen igarobidean– zetzan eta –esango ote dut?– espirituaren igarobidean, muinoen zintzurrean baitzegoen, ereiten den lurraldearen eta basamortuaren artean. Ekialdera begiratu nuen, eta, nire ezkerretara eta atzean, muino irekiak zeuden –zeinen azken zentimetroa ere aprobetxatuta baitzegoen– eta antzinako Manann eskualdea, Piktoen lurralde nagusia. Zeruertza mozten zuen ikatz-meategiaren goialdeak, garrantzirik gabeko muinoak, zelai kuadrodunak… ez zuten lortu eskualde horrekiko lilura baretzea, eta, iluntze hartan, bazirudien antzinako gauza bati begira ari nintzaiola; otso baten gisakoa zen, baina, oraingoz, ardi-larruz mozorrotuta… Muino handiak eskuinetara pilatuta zeuden; hantxe zituzten gure erreka guztiek sorburua. Horiei aldaketa gutxi ekartzen zieten eguraldiak eta denborak; baina argi misteriotsu horrek siluetak bortizki erakusten zituen eta xehetasunak ezkutatzen, eta, hala, muinoek urrunegiak eta beldurgarriegiak ziruditen nirekin egunero hitz egiten zuten haran horietako erraldoi atseginak izateko. Nire oinetatik behera, Woodilee zegoen, eta mirari bat gertatu zen: bazirudien ilunantz bat –eklipse baten itzala bezalakoa– oharkabean jarria zela parrokiaren gainean. Irudipen bat ikusi nuen, eta argi nuen hala zela, baina nire buruak onartu egin zuen ikusi nuena, bilatzen ari nintzen irudipena eman baitzidan. Orain dela hirurehun urteko Woodilee zen. Eta nire buruak, abian jarri eta gero, irudipenez jotako begiek ikusten ez zituzten gauzak ikusten zituen horien ordez… Ez zegoen errepiderik, bideak bakarrik –lokaztietan, istiltsuak eta muinoetan, harrizkoak–, eta Edinburgora joaten ziren alde batetik, eta Carlisle-ra, bestetik. Etxe bakan batzuk ikusi nituen, zohikatza bezain marroiak, baina, elizalde zaharraren muinoaren gainean, elizaren lau hormak ikusi nituen, eta, haren ondoan, artzainaren etxea, intsusaz eta lizarrez inguratuta. Orain, Woodilee ez zen eguzkiaren eta haizearen begietarako parrokia ireki bat. Baserriez osatutako nahaspila bat baino ez zen; alimalekoa eta iluna zen, zerbaitek lotuta eta zanpatuta; horrek, muinorik garaienak izan ezik, beste guztia estaltzen zuen; mendi-bizkarrak indargetzen zituen; haranak itotzen; ia errekako ertzetaraino, gainezka egiten zuen; paisaia gainean zetzan, lurrera botatako larruzko beroki iletsu bat balitz bezala. 'Melanudrigill' izena etorri zitzaidan ahora eta banekien Woodilee hiru mendetan zehar inork ikusi ez zuen bezala ikusi nuela; garai haietan, bere izenak esaten duen bezala, Kaledoniako Basoaren hondar baten itzalpean zegoen oraindik ere; antzinako baso hartan, behinola, Merlinek harpa jo zuen eta Arturok bere tropa bildu… Haranean, tren batek txistu egin zuen; katigamendu-etxola batean, argiak piztu ziren, eta ezabatu egin zitzaidan irudipena. Baina, trinkotzen ari zen ilunabarrean maldan behera nenbilela, konturatu nintzen nire umezaroan ez zela Woodileen herria lehen inguratzen zuen basoaren oroitzapen osoa ezkutatu, Melanudrigill izena ahaztuta neukan arren. Jock Dodds zaharraren ahotsa neukan gogoan; berrogeita hamar urtez ibili zen Kaledonian basozain; errementeria ondoan zegoen harri handiaren gainean eserita, istorioak kontatzen zizkidan, eta nik gozatu egiten nuen horiek adituta. Bere aitaren gainean hitz egiten zidan, baita aitaren aitari buruz ere; azken hura, fusil batez armatuta, heroi bat izan zen. "Neguko goizetan, goroldioaren gainean edo zuhaitz batean gelditzen zen, eta, Clyde haranetik Allerrera etortzen zirenean, beltxarga basatiak eta antzara grisak harrapatzen zituen. Bai, eta orein ugari ere hiltzen zituen". Eta inguruan ez zegoela oreinik esaten nionean, Jockek burua astintzen zuen eta esaten zidan aitonaren garaian Basobeltz osoa ez zegoela erabat suntsituta. "Windywaysen, zati handi bat zegoen, eta beste bat, Reiverslawetik honantz". Baina, Basoaren gainean gehiago galdetzen nionean, Jockek ez zidan gauza zehatzik esaten. Batzuen arabera, erromatarrek landatu zuten lehenbizi; beste batzuek esaten zuten Michael Scott zaharrak jarri zuela… "Piztientzat, ezkutatzeko leku ederra zen, baita aztientzat ere…". Basoaren galbidea aspaldi hasi zen, eta azken hondarrak erregai erabili zituzten Jocken aitaren garaian, Hamasei Eguneko Elurteko negu horretan… Gogoratu nuen leku sakratuak eta beldurgarriak ere bazeudela oraindik. Udaberriko eta udako ilunabarretan, inor ez zen Mariaren Gurutzera –garoz inguratutako harri bat, formarik gabea– joaten, baina, San Juan egunean, eguerdian, neskek mendiko loreez apaintzen zuten. Woodilee errekan, bazegoen tarte bat, herriaren eta orain drainatuta dagoen Fennan Moss-en artean, non, jendearen ustez, amuarrainik ez baitzen inoiz agertzen. Baina batez ere aipatzekoa da Reiverslaweko arbi-zelai hoberenaren erdian zegoen iturria; umeok Katalina Egarria esaten genion, baina helduek, Apaizaren Iturria, eta, aipatzen zutenean, burua astindu edo hasperen egiten zuten: hortik atera omen zen Woodileeko artzaina mundutik eta maitagarrien lurraldera joan. ……… David Sempillek Jaunaren mila seiehun eta berrogeita laugarren urteko abuztuaren hamabostean ekin zion Woodileeko apaizgoari. Ez zen ezezaguna haranean, umetan oporrak aitonarekin ematen zituelako, hura Roodfooteko errotaria baitzen. Urte horietan, eliza bakoitzaren erabakiek lehentasuna zuten eta patroien ahotsek ez zuten hain garrantzi handirik: Sempill jauna, ziotenez, "herriak deituta" iritsia zen, eta, horren ondorioz, dei hori egin zuen parrokiak harenganako interes handia zuen. Urtebete lehenago lizentziatu zen Edinburgon; ekaineko azken igandean ordenatu zuten Woodileen; abuztuko lehenengo igandean, Mungo Muirheaden ahots sendoak –Kirk Allerreko artzainak– ongi etorria eman zion sermoi batekin. Daviden gauzak –gehienak, liburuak– zortzi zaldi handik ekarri zituzten Edinburgotik, eta, Carnwath Mosseko toki arriskutsuak saihestu ondoren, elizaren eta Woodilee errekaren artean zegoen apaizetxe heze eta txikiaren goiko gela batean zeuden jarrita. Alargun zintzo bat, Isobel Veitch izenekoa, aurkitu zuten etxea kudeatzeko eta, dena prest zegoela, lehengusuaren Newbiggineko etxetik etorri zen David, behor grisaren gainean, etxean geratzera. Woodilee ikusi zuenean, abestu egin zuen; etxeko erlaitzetik pasatzeko burua makurtu zuenean, otoitz egin zuen; baina ia negar egin zuen, esker onak eta poztasunak eraginda, gela txiki horretan –'estudioa' esaten zion– eseri zenean, maite zituen liburuak apaletan ikusi zituenean eta bere aurrean mahai hura –non lan handiak idatziko baitzituen– eta kanpoan, erdi beiraztatuta zegoen leihoan zehar, lorategiko andere-mahats zuhaixkak eta errekaren zilarrezko izpiak ikusi zituenean. Lehenengo ordua jabetza esploratzen eman zuen. Apaizetxea txikia eta mozkotea zen, eta, txilarrez egindako teilatuan, erle-kolonia batzuk zeuden. Aurreko aldeak elizara joaten zen errepidearekin egiten zuen bat, zerrenda berde eta estu batek izan ezik, zeinen ertzak errekatik ekarritako harri leun eta zuriez markatuta baitzeuden. Atzean, lorategi bat zegoen, hogei bat sagarrondorekin; haren fruta hain txikia zenez, ia ez zuen merezi hura biltzea. Eta honako hauek ere bazeuden: arropa zuritzeko esparru berde bat, basa-gereziondo bat, eta lur zati bat, krabelinekin eta ira-belarrekin, eta beste bat, zauribelarrekin, txortaloekin, maioranarekin eta halako belar estimatuekin. Apaizetxearen alde batean, garagardo-lantegi bat eta aletegi bat zeuden, soldata gisa jasotzen zuen janaria gordetzeko; beste aldean, zalditegi bat, bi abereentzat, eta hiru ukuiluko behitegi bat; buztinez egindako oilotoki bat, eta, eliza-esparruaren hesiek osatzen zuten angeluan, meta bat, lur-osinez inguratuta. Barruan, etxea ez zen erosoa, eta, abuztuko egun bero hartan ere, lurrezko zoruetatik gora etortzen zen hotza, indarrez. Atea irekitzea zen sabai baxuko sarreraren argi-iturri bakarra. Eskuinetara, egongela zegoen: sabaia oholez jantzita zegoen; zorua egurrezkoa zen; igeltsuz egindakoak ziren horma zakarrak; artzainaren zortzi eguneko erlojua (John Atchisonek egina, 1601ekoa) hantxe zegoen; etxean egokituta zegoen dagoeneko. Ezkerretara, Isobelen sukaldea zegoen, eta, handik, garagardo-lantegira joaten zen, ate batetik; sukaldeko atzealdean, Isobelen ohea zegoen, horman gordeta; eta soto txiki bat, txakur-txabola bat bezain txikia. Goiko solairura, egurrezko eskailera batetik joaten zen; esku-eskailera bat bezain pikoa zen, eta artzainaren logelaraino ailegatzen zen: luxuzkoa zen hura, sutondoa baitzuen. Hortik, ate batek gonbidatuen logela bakarrera eramaten zuen; beste batek, sutondorik gabeko gela batera: artzainaren estudioa; une hartan, jabetzaren lekurik mirarigarriena zen gela hura Davidentzat. David harat-honat zebilen, noraezean, eskolatik itzuli den mutiko bat balitz bezala, eta, egia esan, ez zirudien eskolako mutil bat baino askoz zaharragoa: harea-koloreko ile indartsua zuen, aurpegi gorrixka eta bizkar zuzen eta argala. Garagardo-lantegian, hartzidura etenarazi zuen, eta, aletegian, bere arropa zikindu, eta itxura penagarria zuen. Etxetik kanpo, kezkatuta begiratzen zion Isobelek: David sagarrondoen fruta dastatzen ari zen eta errefusatutako aleak teilatu gainean zegoen arabazozoari botatzen ari zitzaizkion. Orduan, Daviden deiadarrei erantzunez, Isobelek azpil bat ur ekarri zion, goizeko bidaian pilatu zuen hautsa kentzeko. Abuztuko eguzkiak patio txikia berotzen zuen. Soinu guztiak inguru hartako eguerdiko burrunba lasaigarrian urtzen ziren: haraneko errekaren soinua; elizako esparruko errementeriaren klaka; han urruti Windywaysen zeuden ardiak; krabelinetan zebiltzan erleak. Davidek irribarre egin zuen, masailak igurzten zituen bitartean, eta Isobelen aurpegi zahar zimelduak –zeinak sagar baten antza baitzuen– beste irribarre batekin erantzun zion: "Bai, jauna", esan zuen, "gure bizitzak leku onuragarri eta atsegin batera iritsi dira. Jainkoari eskerrak!" Davidek 'Amen' kartsu batekin erantzun zion, eta, eskuoihala airetatik itzultzen ari zitzaiola, atean entzun zen zalapartak Daviden lehenengo bisitarien berri eman zien. Hiru ziren, ondoko parrokietako artzainak: gazteari Woodileera ongi etorria ematera etorriak ziren, beren ponien gainean. Animaliak zalditegian eta behitegian gorde zituzten, eta hirurak arropa zuritzeko lur zatiaren ondoan zegoen banku zakarraren gainean eseri ziren. Normalean, herrian bazkalduko zuten, Sempill jaunak ez zezala horientzat ezer presta, eta ez ziren horrela agertuko, aurrez jakinez gero abisatu gabe bazkaltzera gonbidatuko zituela. Baina amore eman zuten Isobelen aldarri abegitsua zela eta; emakumeari igoera soziala iruditzen zitzaion apaizetxean zen lehenengo egunean halako gertaera bat izatea. "Sempill jaunari jaunek hemen ez bazkaltzea lotsagarria irudituko litzaioke, oso…". Etxea ederki hornituta zegoela… Oraintxe oilo bat sartua zuela lapikoan… Basoilar pare bat –goiz horretan Chasehopetik bidali zituztenak– erretzeko prest zeuzkala… Hirurek bihozberatasunez eta itxaropenez egin zuten irribarre. "Abigail aparteko bat duzu, Sempill jauna. Emakume aratza eta mehatza; Woodileeko apaizetxea ondo gobernatuko du". Mungo Muirhead artzain jaunak bizkarrik gabeko aurpegi alimalekoa zuen, lepo argal baten eta gorputz trakets baten gainean. Ezpain meheak zituen eta ahoa abokatu batena balitz bezala ixten zen; sudurra, haragitsua; begi gris handiak, normalean, behi batenak bezain hausnarkariak ziren, baina, batzuetan, piztu egiten zitzaizkion, zuhurtasuna adieraziz. Larru zurbilekoa zen eta azkar burusoiltzen ari zen; beraz, lehen begi-kolpean, aurpegiak mendi perfektu bat ematen zuen, eta kolorerik gabeko azalak, zelai aldapatsua. Kirk Allerreko artzaina zenez, nagusia zen beste artzainen artean, eta, hirixka batean bizi zenari egokitzen zitzaion bezala, beltzez jantzita zegoen; lepagora zeraman eta txano beltz bat. Ebenezer Proudfoot artzain jauna, eremuko Bold herrixkakoa, beste molde batekoa zen. Baserritar baten gisara, tweedezko arropa gris latza zeraman; eta, buruan, txapela urdina; haren oinetakoak lodiak ziren, larruzko lokarriekin; antzinako polaina frisatuak zeuzkan jantzita. Handia eta gihartsua; aurpegi estuan eta begi txiki urdinetan, indar zakarra eta kemen sutsua zituen. Hirugarrena, James Fordyce jauna, ondoko parrokiako zen, Cauldshawekoa, eta xehea eta argala zen; zurbila, osasun-arazoengatik edo gehiegi ikasteagatik. Arropa urdin zaharrez jantzita zegoen eta abuztuko eguzkipean ere, tapakia zeraman sorbalda gainean. Masailezur argalen uzkurdurak bekoki mehea zapuzten zion, eta ahoa zimeltzen zitzaion etengabe, zalantzatan edota minak balego bezala; baina begi marroiek itxura salbatzen zioten; neskato batenak bezain leunak eta malenkoniatsuak ziren. Eguerdian, bazkaltzera eseri ziren. Jarraituko du…
Il giardino di Alice Zinismoaz Goiz itzartuta nago, ‘Il giardino di Alice’1 delakoan. Lekuaren izena zelan idazten den begiratzeko ohetik jaiki behar izan dut. Sarrerako atearen ondoko armairu txikitik eskuko triptikoa harturik ohera itzuli naiz. Triptikoak Blaise Pascal delako baten aipua dakar: “Tutti i mali degli uomini derivano da una sola ragione: non sono capaci di starsene in una camera a riposar”2. Kanpoan, zakurren zaunkek neurtzen dituzte distantziak. Eguzkiak lurrun urrun bihurtzen duen laino batek baso-multzoak bata bestetik bereizten ditu, astiro. Zaunkekin batera xerra-makinaren eta mailuaren hotsak dira goiz honetan. Jabeak bere zakur, zakurrak bere etxe, horiek elkar zaindu behar. Begiez ikusi barik ere imajinatzen ari naiz bart ilunetan hona etorri nintzen leku hau. Txaletak, etxe familia bakarrekoak, hesiak, hormak, landareak, baratzak, auto dotoreak; bizi maila. Eta ate denek zakur bana. Zakur subespezieak zaintzen ditu aberatsak, baita pobreak ere. Multzo bien artean simetria zehatza dagoela etorri zait burura. Zakurrak dira horretan ardatza. Txalet jabeen zakurrak eta kaleko eskekoen zakurrak. Azkenok gehienetan txikiak izaten dira; mandoak berriz beste haienak. Edo hemengoenak. Italiako inguru honetakoak. “Il giardino di Alice’ hau Italian dago-eta. Zakurren zaunkei dagokien aldetik beste edonon ere berdin-berdin egon zitekeen, ostera. Zaunkak ez diren beste hotsek gogora ekarri, gure auzokideen portaera dakarkidate; mailuarenak eta xerra makinaren hotsek. Zapatua da. Asteburua. Brikolaje apur bat egiteko tenorea. Bestela bai. Bestela isiltasuna dago hemen. ‘Il giardino di Alice’ honek saltzen duena, hain zuzen. Lehengoan supermerkatuaren aurrean eskean ziharduen gizona datorkit. Umoretsu, zerbait emateko eskatu zidan. Erdaraz mintzatu arren, erreguaren azkenean mutil esan zuen. Harriturik nentorren ni kanporantz, kutxako langileak kobratu zidana eta aldean neramanaren prezioa bat ez zetozela pentsatzen. Kutxazainak, behar baino gutxiago kobratu zidan. Segundo laurden batez atzera egitekotan izan nintzen. “Zenbatetan ez ote diaten kontrakoa egin, kokolo hori!”, pentsatu nuen. Behingoan. Orgatila bere lekuan uztean euro ziztrin bat neukan esku batean, eta poltsa bi jatekoz eta edatekoz beteak bestean. Euroa ateko eskaleari eman nion. Pozak begietara egin zion, lazunek ur-azalera ogi apurren bila egiten dutena baino bizkorrago. Bere poza nire poz, galde egiten ausartu nintzen. - No vivirás solo de esto3. Zintzo esanda, galdera hori halakoak ikusten ditudan gehienetan etortzen zait. Ze, polizia mozorrotua bada? Madrileko DGS hartan ikusi nituen mozorroak ezin erabat ahaztu nik. - A veces trabajamos en el puerto. Los fines de semana. El otro fin de semana mi colega y yo sacamos4… Zenbat atera zuten esan zidan. Ehun ala berrehun euro, ez dut gorde gogoan. Asteburuak portuan. Beste inork nahi ez duenean, halakoak lanean. Banindoan nire poltsa biekin, besotik heldu zidanean. - ¿Sabes? Soy gruista5. Hitza –gruista– garunetako autobidean bere joanean geldiarazi, hitzari atzera etorri eragin, eta berriro kontrol-neuronen iragazgailuaz pasatu nuen hitza. - Gruista. Garabizalea. Garailaria. Begira lotu nintzaion. - Hasta hace dos meses tenía trabajo6. Hark, nik poltsak eskuetan pisu egiten nituela jakin arren, begietara zein gertutik begiratzen zidan, eusteko gai ote nintzen galdetuz bezala begiratu ere, banekien ez ninduena erraz joaten utziko. Ez behintzat aitormenen sokaz ni une batez tenteago bertan lotuta eduki barik. Lana Araban zela, eta lekuaren izena ere esan zidan. Datu zehatzak. Mozorrotua izateko, zehatzegiak. Frogagarriegiak, hurbilekoegiak ziren aldetik. Handik kasik hanka alde egitekotan izan nintzen. Sena! Baina berak beste karta bat zeukan gorderik. Eta ondo zekien haren balioa zein zen. Sen hutsez berak ere. - Me echaron por ser seropositivo7. Hara zein zen maukan gordetako karta handia. Ez handiena, ostera. Beste bat ere bazeukan. - En los análisis de empresa me dio8. Joskera euskaldun kutsukoaz esan zuen. Berari aldez aurretik inongo baimenik eskatu barik egin ei zizkioten. Analisiak. Horietan seropositiboa dela agertu, eta kalera! Poltsa biak eskuetan lotsaren lotsaz pisuago egiten, ez nekien zer esan. Elkarri artez begira, ezkerreko begi ertzetik ezpainetara eta ezpainetarik berriro hara, gora eta behera zebilkion galdera multzoa gurutzegrama modukoa zen. Neuk erantzun beharreko gurutzegrama. Segundo batean: Ezker-eskuin; zuzena ez dena: zuzengabekeria. Behetik gora; bidegabekeriak eragiten duen sentimendua: amorrua. Eskuin-ezker; bidegabekeriez kalte egin digutenenean gura dena: mendekua. Minak eragiten duen oihua, bi bokal: oi. Zuzengabekeria, amorrua, mendekua, oi! Diskurtso oso bat zegoen haren aurpegi keinuan. Dantzan. - Oi, bidegabekeria egin didatena, amorruaren amorruz mendekua eskatzen duena. Ez ote dut kalean diru eskean ibiltzeko eskubiderik? –esan balit moduan izan zen. - Badaukak, bai, amorraturik egoteko motiboa –hitzik gabe erantzun nion; keinu hutsez. Buruko ilea motz, prakak nasai, aurreko batean hantxe bertan ikusia nuen eskalea ez ote zen lotu nintzen. “Irudi bion arteko aldeak bilatu” jokoan bezala, irudi bien arteko bereizgarriak igarri behar nituen. Bata eta bestearen itxuraren aldetik ez zen erraza. Lehenagoko hura, oraingoa bezala, azal eta hezur huts eginda, makar, halaxe zegoen. Hark aldean neska bat zuen, ostera. Neskak hitz parea esan zuen euskaraz –eskerrik asko–, horrexegatik dut gogoan. Mutilak orduan txalo egin zion. Hitz erdirik ere ez zekien beste hark euskaraz. Eta zakurtxoa ere bazeukaten. Garailariak ez zeukana. ‘Il giardino di Alice’ honetan, hori dena etorri zait gogora eta, esaldi hau berau idazten hasi orduko, gizon hark kontatu zidana ipuina ez ote zen ere otu zait, bat-batean, galdera modura. Legenda urbanoa? Kaleko ipuina? Kolegiotik irtetean Bilboko edozein kale-kantoitan zain izaten genituen eskeko haien ipuinak bezala. - Kartzelatik irten berri nago! Gure asaldadura. Lehenengoetan behintzat. Hura dena ipuin huts zela jabetu ginen arte. Baina zein ipuin ona, eta zein hiztun trebea eskekoa. Ipuina lehenengoz kontatu zidan eskekoa behinik behin. Kolegiotik irtetean zain izaten genituenak ez ziren karamelu pozonduak eskaintzekoak, ezta pederastak ere. Ipuin kontalariak ziren. Diru eskean. Triptikoan begiratu dut non nagoen. ‘Il giardino di Alice’ hau A-26 autobidetik gertu dago. Autostrada Milano-Gravellona da A-26 hori. Hona iristeko irteera Arona da, edo bestela Meina. Non nagoen jakingura aserik, triptikoan Blaise Pascalek berak dioena egiten nago; egon-egonean egon. Gero, lasaiturik, ohean idazten izan naizelarik, leku honen jabeak etorri dira. Senar-emazteak. Zer moduz nagoen eta ezer behar dudan jakitera. Espero izan ez dugun eguna argitu duela esan du gizonak. Dario da. Tedeskoak arribatuak direla esan du emazteak. Camila da. Terapeutak dira biak. Emaztea, ostera, lan horri utzita dago, giardanoko honetan egiteko. Idazlea ere bada. Gelan haren liburu argitaratu biak daude. Modu delikatuan, gizalege zibilizatuan, Dario senarrak bazkalostean lakura joan nahi nukeen galdetu dit. Kanoan ibiltzera. Baietz nik. Eta bazkalordua? Hamabi eta erdietan ala ordu batean? Hortxe luzatu gara, gurean jateko orduak zeintzuk izaten diren eta halakoak aipatuz. Dena ondo. Joan direnean lakura begira lotu naiz. Lekuak, gizonak, inguratsak, den-denak gogora filmaren bat dakarkidatela-eta, zein film ezin zehazturik nabil. Bart gauean ere halaxe etorri zitzaidan. Gizonaren airea Joseph Loseyren Mezularia filmeko aristokratarena da. Ala Chacal lehengo hartako hiltzailearena? Duda egin dut. Ingeles airea du, nolanahi ere. Honelako lekuak ezagutu behar dira, gero filmetarako halako gidoi-bilbeak asmatu ahal izateko. Kolegiotik irtenda eskeko hark kontatu zidan ipuina. Kartzelatik irten berri zegoela, eta etxera joan behar zuela, Burgosera, eta gau hartan ostatu hartzeko dirua behar zuela. Kartzela! Zenbat urte genituen guk? Hamalau? Ostiral iluntzetan etxera joateko libre uzten gintuzten. Eta ez ote nion emango diruren bat. Nik, berriz, autobusa har zezakeela erantzun, hain berandu ere ez dela eta. Autobusa? Horrek ere dirua edukitzea eskatzen du, eta dena dela autobuserako berandu dela. Nik ezin diodala inon ostatu hartzeko adina diru eman. Ba, zerbait jateko behintzat bai, ahalko niola eman. Horretara ailegaturik, haren kontraesanak garunetako labirintoan gurutzatzen dira. Hau dena gezurra da, ziur, harrapatu egin zaitu, ez dizu joaten utziko, zuk zeuk ere autobusa galduko duzu, neure buruari esaten. Alde egin nuen. - Gaur irten dut kartzelatik! –berak oihu. Bigarrengo bider esan zidanean trikimailuaz jabetu nintzen. Kartzela! Ez zen ohartu aste batzuk lehenago gauza berbera esan zidana. Beste askotan ikusi nuen. Ihes egiten nion. Amorratu egiten ninduen. Lehenengoan kontatu zidan ipuina bigarren batean ere kontatu zidalako. Alde egiten nion eskeko hari. Eta antzeko besteei ere bai. Amorruz. Eurotariko bati kartzelaren ipuina lehenengoz mozolo legez aditu nion ipuina gezurra zelako. Ipuin hain ederra, hain ondo kontatua, eta gezur hutsa izan. Berarekin egindako zuzengabekeriek eroan zutela kartzelara, errugabea zela, eta xehetasun bitxietan hainbeste luzatzen zen! Ipuin kontalari trebea zen. Hain trebea, hura dena gezurra zela deskubritu nuenean zapuzturik lotu nintzen. Baina gezurra ote zen? Legenda urbanoa. Beste bat. Eguerdi ostean lakura joan gara. Gizonak orain ez dirudi aipatu filma horietakoa, marinel dotorea baino. Filmetako marinela, jakina. Lakuan ibili garen bitartean gogoratu zait goizean idatzitakoan eskaleen zakurren kontuak falta direna. Atzera eginda, idatzi egin dut. Gorago ageri den moduan. Kalean bizi direnek zakur txikiak gura izaten dituzte lagun. Gutxitan handia. Eta, handia izanez gero, artzanora alemana. Txikiek jateko gutxi behar dutelako edo, leku zabalik behar ez dutelako edo. Edo beste zakur handiek jabea izaten dutelako ote da? Artzanora alemanak izan ezik. Holakoak –artzanora alemanak, italieraz tedescoak-– edozeinen eskura daude. Baita eskaleen eskura ere. Eguerdian, ‘Il giardino di Alice’ honen jabeenera bazkaltzera joan naizelarik, kaleko abaroetan bizi direnen itzaletan ikusten ez diren zakur horietako bat agertu da atean. Txirrina jo dudaneko. Handia. Zuria. Arrazakoa, zilegi bekit hitza. Halako zakurren jabeen munduan arraza kontzeptua positiboa baita. Zakurrak kokoloarena egin du. Etxean sartu gara, eta bera kanpoan geratu. Rusti da. Etxe barruan berriz beste zakurtxo bat dago. Zuria. Txikia. Edozein aseguru-etxeren iragarkiak egiteko moduko zakurrak. Lorategitik lakua erakutsi didate. Bazkalondoan joan gara lakura. Laco Maggiore da. Halaxe deritzo, nahiz eta Italiako handiena izan ez. Gizonaren ontzia ederra da. Zortzi metro luze bai. Itsasoan zabal-zabal edonora ibiltzekoa. Karelez kanpoko makina birekin, batari abant eta besteari atzera, halaxe eginez edozein auto bezain aise maneiatzen ahal da. Biak pizten horrexegatik saiatu da gizona. Ni batekin nahikoa dela eta, zertan biak piztu, horrexetan egon naiz. Lakua ez da itsasoa. Hala ere eguraldiak bere beharrak egiten ditu. Gero, gainera, lakuaren dinamika dago. Alde batetik sartu eta bestetik irten, ibaiaren korronteak hortxe dira. Ticino ibaiarenak. Ondo kontutan izatekoak. Ba ei da lakuko gune jakin bat, ontziak zein gizakiak desagertu egiten direla diotena. Ontziak, diotenez, gune horretan hondoratu eta alboko lakuetako batean agertu izan dira. Gizaki desagertuak, inon ez. Trikimailu ederra, dio gizonak, bere burua erditik kendu nahi duenarentzat. Hanka egin eta jo dezatela hiltzat. Psikoanalistak dira senar-emazteak. Lakuak eragiten dituen emozioez hitz egin dugu. Ez da itsasoak eragiten duen barne-baretasuna bezalakorik hemen. Han atzean itzel handi ikusten dira mendiak. San Gotardo ingurukoak. Urriaren erdia da. Hain goiz, gailurrak eta maldak zuri-zuri. Desagertu izan diren gizakien aitzakiaz Bigarren Mundu Gerrara goaz, emakumeak berbatik hara baitio: - Partisanoek Suitzara lakuan barrena ihes egiten zuten. - Zenbat kilometro dira? Umearen ilusio beti berriaz galdetu diet, pentsaturik arean oraintxe bertan egin genezakeela Suitzara. Beste muga-marra bat gainditzeak eragin liezadakeen ilusioaz. - Hirurogei. Gizonak erantzun du. Hirurogei kilometro asko dira. Egiteko prest ote den, ez dakit. Euria hasi du. Ziztuan egin diogu ihes goiko hodeiari. Hodei bakarra baita euri egiten duena. San Gotardo horrek Hemingwayren A Farewell to the Arms eleberria gogora ekartzen didala-eta, aipatu egin diet. - Bai, lakuan berton egin zen filmaren parte bat. Emakumeak esan du hori. Gizonak kontatuta daki, ziur. Gizona urte biko umea zela etorri baitzen lehenengoz hona. Euria dakarren hodeiaren mendetik ihes lakuaren hango aldea ikusten da. Haren goian orain San Karlos Borromeoren estatua alboz ageri zaigu. Ontziaren bila errepidean behera etorri garenean ohartarazi naute estatua presentziaz. - New Yorkeko Askatasunaren estatuaren ostean munduko handiena da –esan du gizonak. Lakuko leku honetatik begiratuta urak eta lurrak zaintzen diharduelako jarreran eraiki zutela dirudi. Zakurrarena eginez. San Karlos Borromeo, zakurra. Zakur ona. Estatuak ez-errealaren kutsua ematen dio, lehendik ere guztiz benetakoa dela sinestea gaitz egiten zaidan leku honi. Lakuaren beste aldean, estatuaren eskuak seinalatzen ez duen direkzioan, Euro Atomoa delako erakundearen eraikina ikusten da. Esfera erdia, eta tximinia luzea alboan. Dariok gaitzespenez begiratzen dio. San Karlos Borromeoren irudia brontzezkoa dela uste dut. Santuaren irudiaren barruan gora eginez bururaino igo ahal dela diote. Inguruan eliza-itxurako hainbeste eraikin dira. Via Crucis ibilbidea osatzeko eginak zirela diost gizonak. Ez ei zuten erabat osotu, ostera. Ez dit ematen estatua New Yorkeko Askatasunaren estatuari aldera dakiokeenik. Ez nago bigarrena zuzenean ikusita, ostera. Beraz, neure begien amarrua ote da hau haren aldean txiki begitantzea? Ala beste hura, urrunekoa, benetan dena baina handiago ikusten dut, irudimenean? Gizonak nahiz ontziak desagertu egiten ei diren gunean gara. Nevadako Piramide Lake datorkit gogora. Indioak hara ekarri zituzten, erreserbara, beren ingurumenaren aldean guztiz bestelakoa zen batera; mortura. Egokitu egin ziren, hala ere. Eta halako batean sinesmen berria sortu zela diote. Indioen arteko batek sortua. Bada, Renoko zuriak ez dira Piramide Lakera joaten, sinetsi-edo egiten baitute haren itzal gaiztoa benetakoa dena. Eskizofrenia. Igande goiza. ‘Il giardino di Alice’ honetan ohetik ez jagiteko gogoa ematen du. Kanpoan udagoieneko argia igartzen da. Asfaltozko kaminoan behera natorrela alboko bide bat ikusi dut, sarreran ezkerretara kanpai dorre taxuko metro eta erdiko eraikintxo bat duena. Hor irudiren bat izan behar dela uste izanda, ikustera sartu naiz. Santa Mariaren irudia, nahikoa galdurik, eta Padre Pio dioen grafitia dira apaindura bakarra. Bidean pittin bat aurrera egin dut. Basorantz, ke usain batek erakarrita. Bidean barrena hogei bat metro egin ostean kea arnasten hasi naiz. Bideko albo batean nekazaritzako tresneria uherra. Ijitoen susmoa egin zait. Karabana bat. Hortik dator kea. Zakurren zaunkak. Nire pausoetan zapalduz atzera egin dut. San Karlos Borromeoren estatuaren ingurura iritsi naiz. Atearen aurrean bancarella deritzona dago, hau da, alonak eta mahai luzeak, banku legez, huskeriak saltzeko. Santuaren zerak, elastikoak, oroigarriak. Public Enemy. Atean hiru euro eta erdi ordainduta sartu naiz santuaren inguruko giardinoan. Muino batean dago irudia. Errematxez josia da. Esan nahi baita zatika egin zutela, eta gero zatiok josiz gora altxatu irudia. Barrutik hutsik dagoena. Eskailerak dituela salbu. Irudiaren burura iritsi naizenean santuaren irudiak begi ninien balizko leku bietan zulotxo bana duela eta, lehenengo ezkerrekora jo dut, eta gero eskoikora. Inguruaren spot bana ikusten uzten dute. Ezer aipagarririk ez. Estatuaren kokotsaren barrualdeak kadira itxuraz erosoa osatzen duelako, idaztera hortxe eseri naiz. Ipurdiaz ukitu baino ez, eta ura dagoela sentitu dut. Ur hotza. Behingoan zutitu naiz. Estatuak itogina du buruan. Barandan jesarri naiz, oharrok idaztera. Halako batean, zer da eta, euliena-edo den zarata aditzen hasi naiz. Gero eta ozenago. Buruaren goialdean euli mordoa hegan. Batek ukitu egin nau. Izuturik, banoa. Burua baino beherago estatuak gune zabalagoa du. Hor grafitiak badira, beste edonon bezala. Paola ti amo. Sick of you. ORA & SEMPRE RESISTENZA!!! LAURATINO by VINCI. Roby & Manu 20/05/01 Back for ever LETY T.A. Jesarrita, lekuari buruzko orriak dioena irakurtzeari ekin diot. Carlo Borromeo nacque il 2 ottobre 1538 nel castello che sorgeva sulla Rocca di Arona, distrutto succesivamente da Napoleone. Nel 1610, a soli 25 anni della sua morte, venne proclamato Santo9. Susmagarria. Hogei urteren buruan santu egina. Politikagatik, ziur. Behera noa. Historiako lehenengo parke tematikoa berton sortu gura izan zutela esan dit lehenago Dariok. Gogora datorkit Feltrinelli liburu dendan ikusitako liburua. Gesù lava più bianco; la chiesa e il marketing. Jesusek zuriago garbitzen du; eliza eta marketinga. Parke tematikoa bisitatzen segitu nahi dut. Arona herrirako bidean barna. Aronarako bidean bazterrean utzi dut kamino nagusia, asfaltozkoa, antzinakora jotzeko. Bolibarretik Ziortzara diren harmailen antzekoak dira hemen ere, erromesek halakoak oinez egiten zituzteneko denboren hats. Harmaila bi baino ez dut egin, behean estanpa bi ikusi ditudanean. Makurtu egin naiz, batzera. Kristorena da bata, Padre Piorena bestea. Pioren izena, lehen grafitian eta orain estanpan. Harrigarria, ostera, bigarrenak, Padre Pio barik, San Pio dakarrela da. Santu egin zuten, bada. Estanpako irudian Kristok berdeak ditu begiak, zizelez taxuturik ezpainak, zehatz orrazturik adatsa eta, oro har, metrosexual leunduaren airea. Horren eredua, edo Jesukristo Super Star, edo bestela David Beckham. Burura datorkit, beste behin ere, Jesukristoren aurpegiak ikonoetatik oraingo irudietaraino egin duen bilakaera. Estanpak behera nork jaurti ote dituen lotu naiz une batez. Hori alde batera –neure buruari hori ere galdetu diodan arren–, Pioren irudia egin zait are deigarriago. Argazkia da estanpan ageri dena. Pioren beraren argazkia. Ez zait erabat ezezaguna. Gizon zaharra, bizarduna, aurpegian amorru edo haserre keinu okertu bat ageri du. Keinu hori nabarmenago egiten duena agian zera da, eskuak kasik kokotseraino altxaturik dituela, eta eskuotan artilezko esku-babeserako batzuk dituela, abituaren marroi-kolore berberekoak, eskua osorik estali beharrean hatz muturrak agerian uzten dizkiotenak. Ezta halako goante berri apal batzuk erosteko ere aski ez duen pobrearen itxura ematen diote artile-zatiok. Estanpek otoitz bana dute atzealdean. Bidean noala otoitzen balioaz hausnartu dut. Psikoterapiaren aldetik baliagarriak dira. Otoitz bera behin eta berriro errepikatzeko gai izanez gero, buruan izan daitezkeen beste denak aldenarazi egin. Formulak bilatu. Kosmobisioa formula errazetan laburtu. Dena formulon bidez ulertu, endelegatu. Edozeri zentzua antzeman, edo eman. Otoitzen funtzioa. Aronako erakusketa jauregian La femme fatale erakusketa. Ixteko ordua izan denean kanpora egin dut. Dario eta Camila zain ditut. Lakuan gaude. Ertzean. Leku hau, hau bezalako inguruetan ohi dena bezalako lekua da. Lehendik ezagutzen dugun honelako lekuren bati izena aldatu eta, hara, berau! Etxeen taxuaren aldetik behinik behin. Niza. Biarritz. Lake Tajo. Hots, eguzkia denean Nizan edo Biarritzen geundekeen moduan sentiaraztekoak. Beraz, horietako edozeinetan egondakoa hemen ere egona da. Goiz ederra. Aperitifa ekarri digute. Padre Pioz galdetu diet. Labur kontatu didate haren biografia. Zertzelada pare batez. Bere baita psikoanalisiaren uretan araztu duenaren hizkera leunaz dihardu gizonak. Padre Piok txikitan gurasoak nola akabatzen zituzten ikusi ei zuen. Zakurrekin akabatu. Naziek. Gero Padre Piok zakurrekin amesgaiztoak. Dariok naziak aipatu dizkidalarik harritu egin naiz, Pio nazien denboran bizirik baldin bazen hura santu zein goiz egin bide zuten oharturik. Lourdesekoaren antzeko businessa sortu zuela diost gizonak. Ospitale eta guzti. Halaxe egiten zituen mirariak, bare-bare dio Dariok, ospitalera mediku on askoak ekarrita. Karlos Borromeoren kasuaz hitz egin dugu, hura ere zein goiz egin zuten santu. Nik politikaren arloko konturen bat ere tartean izango zela diot, gogoan baitut garai hartan Milano ingurua Gaztelako koroaren mende zegoela. Dariok baietz diost, eta zein ondo irakatsi didaten historia. Dariok berak eskolan beste modu batez irakatsi ziotela deitoratzen du. 60 urte ditu. Guk biok –Camila emazteak eta nik neuk– historia eskolan beste modu batez ikasi izanaz pozten dela dio. Horretan ez dabil zuzen. Guk ere beraren moduaren hain ezberdina ez zen modu batean ikasi genuen. Eguerdiko argia eguerdiko argi da. Niza. Biarritz. Lago Maggiore. Dena bat. Zakurrak eta jabeak. Nork zein zakur. Zakurrak jabeari ematen diona. Sinbiosia. I eta zakurra. I txikia, zakurra mandoa. I eta zakurra elkarrekin dabiltza. Kalean ezagunik ikusten ez duenean, I ez dabil bakarrik. Ezagunen bat ikusiz gero, balizko ezagun horrek I eta zakurra izaki bakarra izan moduan hartu beharko. Zakurrari berba egin, aginduak emanez. Zakur terapeutikoak. Psikoanalistek etxean ez zieten berba egiten zakurrei. Premiarik ez. Bestela zakurrak psikoanalisiaren baliokide. Cataldoren institutura joan naiz. Bulegoan sartu garenean lankide batek oparitu dion liburua erakutsi dit. “Eskola nire zakurrari azaldua”. Serendipity. San Pioren gaia buruan dabilkit. Metroan noalarik, atzo behearen gainetik batu nuen estanpa irakurri nahi izan dut. Santuaren irudia ikustean jantzirik dituen eskukoei begiratzen diet. Oraintxe birziklatu ahal izan dut atzo terapeutek eman zidaten datua, zera, estigmak agertu izan zitzaizkiola. Odolaren jarioa eragozteko erabiltzen zituela halakoak. Orduan santu piccoloaren istorioa kontatu zidaten. Irudi hari begietan behera odol-malkoen negarra agertu izaten zitzaiola eta, halako batean barruan begiratu eta hoditxoak ziren han. Trikimailua. Dariok Padre Pioren zauri eta estigmena eldarnioa zela esan zuen. Begirunez esan ere, histerikoak bere burua zigortzeko duen joera aipatuz. Piok burua hormaren kontra jotzen zuen, horra. Metrotik irtendakoan Duomo plazako Feltrinelli liburu dendara joan naiz. Ostiralean ikusi nuen beste haren bila. Santo impostore, controstoria di padre Pio10. Mario Guarino. Kaos edizioni. Dariok kontatu zidana halaxe denentz jakin nahi dut. Ostiralean liburua esku artean hartu, aliritzian zabaldu eta begietan kolpatu ninduen pasartea agertu zitzaidan. Padre Piorena eldarnioa zela. Sarrerara joan, haren jaiotze data begiratzeko, lehenik eta behin. 1887an jaio zen. Gurasoak naziek akabatu zizkiotelakoa ez da horrela. Padre Pioren historia hainbestetan aditu du, zentzumenak lar adi izan barik, ze lainoturik gorde baititu datu nagusiak. Berdin dio. Liburua erostea erabaki dut. Kutxarako ilaran zain nagoela, horra euro binatan saltzen diren liburutxoak. Bat Marguerite Yourcenar harena. I trentatré nome di Dio11. Hartu eta zabaldu egin dut. Ikusi dudan lehen hitza, chiens! Zakurrak. Bidean aurrea oinez jainkoaren hogeita hamahiru izenak irakurtzen noa. Italieraz eta frantsesez. Zakurren aipuaren bila, bai, baina aldi berean liburuari mamia antzeman nahirik. Liburuari ez diot mamia antzeman. Zakurren aipamena izenetako 28.ean dago. Halaxe dio: La femme – aux – chiens Duomo plazan, San Paolo liburu dendaren aurrean, afrikarrak liburuak saltzen. Bati 50 xentimo eman dizkiot. Beste batek frantsesez hitz egin dit. Frantsesez ez dudala irakurtzen esan diot, saltzeko dituen liburuen artean badu-eta bat hizkuntza horretan; “La nuit e…”, ez dut dena gogoan. Merci. Irribarre zabala eskaini dit. Plazan aurrera eginda emakumezko eskale bat behearen gainean bertan behera. Esku bat, bendaz bildua, burua baino gorago du. Padre Pioren eskuetako estigmen babestailuak datozkik gogora. Plaza turistaz beterik da. Inork ez dio emakumeari jaramon egiten. Liburu dendan ikusi dudan beste bat datorkit gogora. Teresa Kalkutakoaren bizitza salatzen duena. Hori, damurik, ez dut erosi. Yourcenarren liburua behingoan amaitu dut. Via Porta Vittorian larruazal iluneko gizon bat, eskean. Xentimo batzuk eman dizkiot, neure burua madarikatuz. Ganorazko zer edo zer idatzi beharko nuke halakoei buruz. Kaleko beste hegalera begiratu dut. Joseph Conrad izena ikusi dut, eraikin batean eskegita dagoen oihal luze zabal handi batean. Haraxe egin dut. Milango eraikin faxista taxukoen artean protofaxista den epaitegien eraikinaren goiko kantoia baino hogei bat metro lehenago, behearen gainean apatx jesarrita eskeko gazte bat, buruan halako kapelu artilezko luze bat duena. Altzoan bilduta zakurtxoa. Beltza. Txikia. Eskeko, junkie, aterperik gabeko eta halakoen alboan ikusten den arrazakoa. Hau dena idazten hastean izan dudan ideia itzuli zait. Simetriarena. Aberatsen eta pobreen arteko simetria-asimetria sisteman zakurrak direla ardatza, edo ardatzetako bat behintzat. Eduki, edo ukan, denok daukagu, edo denok dugu, zerbait. Gure loa behintzat. Gure bakea lotan. Baita ezer ez duela uste izango genukeenak ere, alegia, kalean bizi denak badu bere loa, eta badu baketan lo egiteko gogoa. Eta lotan den artean baten batek hori kendu ez ezik eraso egin liezaiokeen balizkoaren beldurra. Horrexegatik zakurra. Loaren lainoaren beste aldetik hona etorraraziko dion zakurra. Aberatsak bezala, pobreak ere zakurrak. Aberatsak ere badu eta bere loa, eta baketan lo egiteko gogoa, eta badauka, bakea kendu nahirik inor baletor badaezpada ere, lotatik zaunkaz aterako duen zakurra. Landarez apainduriko burdinazko hesi, ate gotortu, bideokamera, alarma, arma eta halakoez gainera, jakina. Aberatsari loa kendu, lapurretan egin nahi izango liokeen balizko lapurrak kenduko lioke. Kalekoari loa kendu, hantxe bertan akabatu gura izango lukeen balizko faxistak, balizko xenofoboak, balizko zerak… Baina zein balizkoago? Eskaleak kalean hilda. Ostikaturik. Lotan direla su emanda. Bilbon Milanen bezala. Piztiak. Gizakia eta zakurra. Sinbiosia eta simetriak. Asteartea. Milano euritan itzartu da. Grisari grisa erantsi zaio, grisago egin zaio. Kalean dabilen trafikoaren harrabotsa ozen iristen da honaino. Horren bidez semaforo, tranbia, bus geraleku eta halakoen mapa buruan osa daiteke. ‘Il giardino di Alice’ hartan zakurren zaunken hurbil urrunaren bidez hango topografia osatu ahal zen lege berean. Uhinetan igarotzen dira hotsak. Padre Pioren ipuina ez zidan zuzen kontatu Dario psikoanalistak. Halaxe frogatu ahal izan dut haren kontrabiografia irakurtzean. Hala eta ere, egia zioen. Eldarnioari dagokion aldetik ez ezik, haren bizitzan izan ziren zakurren itzalaren aldetik ere bai. Behin batean, gauez, etengabeko zarata aditzen ari zela eta, kanpora egin zuen, zer zen begiratzera. Begiak sutan zituen zakur beltza! Aitaren eginez uxatu zuen. Zakur beltza, deabruaren irudietako bat. Batez ere Padre Pio bezala mendialdeko bazterrean jaio denaren irudimenean. Bart, astelehena, afaria izan genuen. Cristina Muccioli izeneko baten etxean, berak, Giovannik eta hirurok. Filosofia irakaslea da. Laster ikastaro baten gidaritza egingo du. Gaia, eromenaren irudiak filosofian. “Gli archetipi della follia nella letteratura”12. Etxean sartu ginenean, mahian erretilua, eta erretiluan granada erdi bat, aranak gora begira. “Espainiako Erregetzaren sinboloetakoa”, esan dut. Hanka sartze galanta. Ondo etorria adierazteko erabiltzen da Italian. Afaldu ahala, eta granadarena ahaztarazteko, ikastaroan landuko dituen gaiak azaltzeko eskatu diot anfitrioiari. Gogotsu ekin dio, ahotsa leun, gaiari. Lehena Husserl aipatu du. La mancanza di senso13. Hitlerren garaiari lotu dio gaia. Ez diot ondo ulertu. Gero duela milaka urte eromena zer zen azaldu du; gerran huts egiteari irizten zitzaion eromena. Zein den eroa, gerra ustez ondo prestatu ostean hartan hasi eta huts egiten duena! Zelan izan ahal da zentzuzkoa horretan huts egiten duena. Eroa halakoa, etsaia zorrotz ezagutu duelakoan hari ekiten dionean huts egiten duena! Ez ote du dena behar moduan prestatu? Ezetz? Bada, hori bai eroa! Honetara begiraturik Bush eroa da. La folie de l’amour14 aipatu diot. Maitemindurik egotea mundua zentzun barik ikustea da. Maitemindua itsu dago. Cristinak zuzendu egin dit berriz. Maiteminarena gizakiaren etapa infantila ei da. Infantea, berbaren esangura hertsian, hitz egitera iritsi ez dena baita. Maiteminduak ezin du hitz egin. Zuhurtasunez behintzat. Berben esangura hertsiak Bibliara eroan gaitu. Ganbeluaren adibidera. Behin batean, Cristinak greziera ikasten ziharduelarik, ebanjelioetako pasarte ezagun bat egokitu zitzaion. Ganbelus grekoz zer den begiratu zuen. Ontzietako sokak lehorrean estekatzeko erabiltzen den lehorreko harriaren begia edo huts-gunea da. Esteka-harria. Portuetan aihena esaten zaiona. Gaitzago dateke aberatsa zeruko erresuman sartzea orratza ganbeluan sartzea baino. Eta ez, “ganbelua orratzaren begi-zuloan sartzea”. Ebanjelioko pasartea itzuli zuenak ez zuen Cristinak hartu zuen nekea hartu, hots, hiztegian begiratzearena. Grezierazko ganbelus hartan latinezko cambelus irakurri ei zuen eta, esangurak halaxe aldaturik, aurrera egin zuen. Eta hona gu, betidanik ganbelua –animalia- orratzeko zirrikituan barrena sartzen imajinatu guran, eta ezinean. Ezin ganbelua hala irudikatu. Ezin aberatsa Zeruko Erresuman sartzen ikusi. Aberatsik ez Zeruko Erresuman! Eta gero zenbat odol huste, zenbat oinaze bide, zenbat gerra modu, irudi horren interpretazioaren kariaz. Aberatsik ez Zeruko Erresuman, ganbelua orratz-zirrikiturik sartu ezean! Irakasleak testua bere hartan uzteko esan zion Cristinari. Bazterrak ez nahasteko, arren. Hobe ganbeluaren irudiarekin segitu. Bi mila urte beharko dira duela bi mila urteko hutsa zuzentzeko. Giovannik jenio kolpe batez esan du ganbeluak orratz zirrikituan barna egiteko dukeen eragozpena konkordurak direla. Barre egin dugu. Gure azpikontzientean horixe baita ezintasunaren gakoa. Konkordurak, eta ez ganbeluaren beraren neurria. Ikusi izan dugu ganbelu argal luzea are argalago eta luzangago eginez zirrikituan barrena sartzen, baina konkordura horiek! Eromenaren eredu klasikoetan klasikoena Ulises dela dio Cristinak. Jainko-jainkosei behin eta berriro desafio egin zien, eta jainkoek behin eta berriro zigorra eman. Jainkoei desafio, hori eromena. Haatik, jainko-jainkosek, haren ekinaren irmotasunaz ohartzean, barkatu egin zioten, eta Itakara onez itzultzen utzi. Etxera iritsi zelarik, zakurrak, beste inork ez zuen ezagutu. Hortik –dio Cristinak– ziniko hitza –grekoz kýôn, zakurra–, eta zinikoen filosofiaren ildoa; itxuraz erreala dena baino harago iristen den zakurra bezala jardutea. Usaimenari esker. Alegia, begien bidez barik sudur zuloen bidez antzeman behar dela errealitatea. Eta maitasuna feronoma horien gorabehera besterik ez bada, zer? Usainduz maitemintzen ote garen, bada. Zakurrak bezalaxe. Erromarako trenean Padre Pioren kontrabiografia irakurtzen amaitu dut. Ez da inon ageri nazien zakurrek gurasoak zelan akabatu zizkioten ikusi zueneko pasartea. Beraz, Dariok huts. Heriotza 1968ko irailaren 23an etorri zitzaion. 2002ko ekainaren 16an Joan Paulo II.ak santu egin zuen. Karlos Borromeo egin zutena baino bizkorrago. Hogeita lau urteren buruan. Karlos eta Pio, laurehun urteren aldearekin, biak santu. Nahiz eta 1923an eta 1926an Fedearen Auzitegiak Pio inpostore aldarrikatu. Eskuetan-eta ageri zituen estigmak –gogora datorkit estanpan ageri dituen goanteak, ustezko estigmak babesteko jarriak– ez zituen egiazkotzat Erromako burokraziak. Estigmok beti hor izaten ei zituelarik, egiazkoak ziren ala dena maskarada hutsa zen jakiteko tenorea Pio hiltzekotan zela etorri zen baina, oi!, miraria. Azken arnasa eman baino hiru egun lehenago estigmak desagertu egin ziren. Iruzurraren zirkulua, borobildurik. Karlos Borromeo zergatik egin ote zuten santu. Trentoko Kontzilioaren sustatzaileetakoa, Milango kardinala izan zen denboran Felipe II.aren menderakuntzari aurka egin ziolako, menturaz. Padre Pio, Santo Pio. Inpostore iritzi zioten dokumentuak zuzendu barik, santu egina. Historiako lehenengo kasua. Urtean zortzi miloi lagunek bisitatzen du haren hilobiaren inguruan eraiki den parke tematikoa. Trentoko espirituaren araberako santua, Trentoko espiritua berretsi duen Joan Paulo II.ak santutua. Ahaztu Pio, diotsot neure buruari, Erromako lagunen etxera noalarik. Eta ahaztu zakurrak! Gaitza hiri honetan. Ze, zakurrak ez dira, ba, otsoaren ahaideak? Hiriaren sorreraren legendarekin bat, Romulo eta Remo fundatzaileak otsemeak elikatu ei zituen, eta horra orain horren irudia nongura. Otsemearen irudia. Zer moduz hizkuntzarekin? Italieraz osorik irakurri dudan lehenengo liburua erakutsi diet; Santo impostore, controstoria di Padre Pio. Barreak. Afaria Il forte izeneko leku okupatuan. Gotorleku izandakoa da, Iruñekoa, Baionakoa eta halakoak gogora ekartzen dituena. Sarreratzat tunel moduko bat du, eta horretan horra berriro zakurrak. Eskaleen zakurren antzekoak. Hemen bizi direnak, horiek bai benetako zinikoak. Klasikoek, ziniko zaharrek, bizitzan askatasuna beste ororen gainetik estimatzen zuten era berean maite dute eurok ere hura. Zirkulua berton ixten da. Ez dut zakurren harira gehiago idatzi nahi. Azken eguna. Aireportura joan aurretik etxeko jaunak adarra jo dit. Urtezaharra datorrela eta, urteko azken eguna non eman erabakitzeko, atarian turista-bidaien publizitatea utzi diote. Eskura eman dit. Italian berton leku dotore ugari iragartzen dute. Napoli, Capri, Portofino eta beste hainbat. Izarra, ostera, Padre –halaxe dio iragarkiak– Pioren sorterria da. Hogeita bat eurotan egun bi San Giovanni Rotondon. Lehenengo egunean, irteera, ailegaera, meza, afaria eta lo egitea, azken hori hiru izarreko hotelean, komuna eta dena duen birentzako gelan hain zuzen; gainera, egun horretan serata danzante, alegia, dantza gaua. Bigarren egunean, gosaria eta erosketei buruzko aholkuak; gero bazkaria eta itzulera. Bidaia abenduaren hogeita lauan eginez gero, hirurogeita hamabost eurotan, Gabon Afari Handia sartzen baita egitarauaren barruan. Hegazkinak Alpe mendiak ditu hor behean. Laco Maggiore. Arona herrixka. Borromeoren estatua. ‘Il giardino di Alice’. Triptikoan Blaise Pascalen aipua begiratzen dut. “Gizakien gaitz guztiak arrazoi bakar batek eraginda datoz; ez gara gai gela batean atsedenean egoteko”. Il Cenacolo edo Kristo suizidaren azken orduak Ostatutzat utzi diguten palazioa aspaldion ospea harturik dagoen eliza horrexetatik hur dago. Honetaz, delako palazioaren bila maleta arrastaka eroateak ohartarazi dit, pisua noiz arte jasan beharko ataririk atari arima penatuen modura begiratuz ibili bainaiz, hau ote den-eta ez, ba ea hori den-eta ezta ere, azkenean izenak hortxe idatzita ikusi ditudan arte. Palazzoa eta Santa Maria delle Grazie, direkzioak gezi banaz seinalaturik. Elizari buruzko geziaren balizko ibilbideari begiez jarraiturik hortxe antzeman dut. Ondo. Ea kongresuaren tarte batean bisitatu ahal den. Bi egunean izan gara kongresuan, giza eskubideei eta munduko gerrei buruz hizketan, eta hirugarreneko goizean etorri zaigu gonbidapena. Antolatzaileen aldetik. Da Vinciren hori ikusteko, Il Cenacolo15. Ea hortxe goaz. Turista andanatxoa. Santa Mariako ateetan turista asiarrak daude. Gurekin datoz batzuk barrura. Ez dakit nongoak diren, ez baitut turismo-gidariak hitz egiten dien hizkuntzan halakorik erabakitzeko lorratzik. Japoniarrak edo bestela korearrak direla esango nuke, baina zinez zaila egiten zait japoniarrak eta korearrak ezertan bereiztea. Jarri ere, ez naiz horretara inoiz jarri, egia. Nolanahi ere, bitxia da gure mendebaldeko ikono ezagunenetakoa horiei erakustea. Zer ote dakiten horretaz, erantzuna guk euren sinesmenez dakigunaz geure buruari galdetuz topatu ahal delakoan nago. Nik neuk, deus ere ez. Eurenaz. Eta Da Vinciren arteaz ere gutxi. Bisitaldia hamabost minutukoa izango dela dioskute, ate biren arteko tartean itxaroten dugun artean. Alboan suertatu zaidan taldekideari begiratu diot. Emakumezkoa. Idazlea. Hirurogei urte. Honekero amama, bardako afarian irri jostalari batekin argitu zidanez. Sartu gara. Itsu-itsuan, lau hormetako reffetorio bestela biluzian. Elkarren pausoetan zapalduz goaz, sortzen ditugun hotsek bertan behera utzitako edozein lekutan bezalaxe oihartzun egiten dutelarik. Altzarien falta, jakina. Beste ezeri begiratu gabe, tropelean goaz koadroaren bila. Emakumea galdu dut. Bestela koadroa hortxe dago. Lau hormetako labur bietako atzekoenean. Beste horma laburrean ere badira irudiak. Il Cenacolo bera baino handiagoak. Inpresionanteagoak. Kristoren gurutziltzaketa hiru estanpatan. Horma bietakoen artean Pasioa eta Heriotza kontatzen dute. Lau estanpatan guztira. Hona jatera biltzen zirenek Jainkoaren Semearen azken penak eta nekeak gogoan izan zitzaten. Niretzat, katolikoa kulturaz, denean dabil dejá vu airea. Kristoren albokoak emakumea ematen du, diost halako batean norbaitek nire atzetik. Begiratu eta, bardako amama. Erotismoz begiratzen duena. Bere hirurogei urteen ostean gorde egin baitu gaztetan izan zen haren edertasunaren arrastoa. Gozatu egin du bizitzaz, pentsatu dut. Leihoa dagoen lekuan irudi bat falta dela dirudi, halaxe esanez ekin dit. Argia koadroan sar dadin utzia da hutsunea, erantzun diot. Gure interpretazioetan, airean bertan nolabait, Da Vinci Kodea ezagunaren itzala dabilela igarri dut. Ez dut liburua irakurri, esan diot. Ezta nik ere, berak. Goazen kafea hartzera, esan dit. Egon pittin batean, erantzun diot. Koadroari esangura sakona ateratzeko ahaleginean sartu naiz. Bat batean ideia argi bat gurutzatu zait, baina berehala alboratu dut, haragi minaren aldarri bortitza nabaritu baitut. Kafea onartu diot emakumeari. Kafearen bila gogora etorri zait laugarrenez nagoela Milanen, eta orain arte koadroa ikusi ez. Eta lehengo bidaietako irudiak etorri zaizkit, eta denen artean gizon trabesti ugariena. Gehienak, brasildarrak. Larruazala ilun denak, ia bi metro handi, hankak luze, ipurdiak mardo, feminitateaz dugun irudia astindu zidaten. Il Cenacolo horretako irudi hori, Codea liburuari esker ezagun egin dena, emakumezko batena dela eta ipuin hori guztia etorri zait gogora. Bardako amama nire pentsamenduetan sartu dela dirudi. Emakume airea hartu diozu, nire moduan, baina pentsa zein zen gizon lirainaren irudia Leonardoren garaian; emakumeak halaxe esan dit, eta gero kafea hartzera jesarri garenean gelatoa16 eskatu du. Badugu ordu bat-edo hotelean egoteko, esan dit, gelatoa amaituta. Gelako giltza harreran utzi gabe etorri da eta, ez da kasualitatea Il Cenaculo horretatik il letto17 bisitatzera etortzeko nahia. Hirurogei urterekin zerbait daki munduaz. Eta sexuaz. Berak jo dit eta larrua, inork inorena jo badu, eta nire gelato beroa edan gero. Zein da zure interpretazioa koadroaz?, titiak berriz estaltzen dituen artean galdetu dit. Mami sendoak dira. Horiekin mira eginda nago. Ez nire gelatoa mamion artean hartu duenean bezain, baina mira eginda. Ohartu da, eta beste ordu laurden bat badugula esan du. Elkarren ahoak bete ditugu berriz ere. Gero koadroa ikustean etorri zaidan ideia argia azaldu diot. Koadroak errepresentatzen duena suizida baten azken ordukoak dira, esan diot; horixe; Kristo suizida; berak bazekien heriotza eman behar ziotena, ezta? Eta hala ere aurrera egin. Bonbarik gabe baina, bere burua heriotzari eman. Egungo islamiar suizidak bezalaxe. Ze, jarraitu dut, zer dakigu horien azken orduez? Nik neuk ezer ez. Nik ere ez, bainugelan sartu da oraingoan, eta handik hitz egin dit; ebanjelioetan begiratu duzu, ala? Begiratu egingo dut, erantzun dut, emakumearen bigarren dutxaren hotsek nire hitzek estaltzen ote duten igarri izanik. Ez dutxatzea erabaki dut. Usaina ez galtzearren. Bidali egidazu emailez zerbait, esan dit, gelako atea ixtean. Zertaz? Kristoren suizidioaz. Interesgarria dirudi. Fededuna zara?, galde egin diot. Ez, erantzun dit. Ni ere ez. L’Afrodite ritrovata Beroa da Brescia udan. Batez ere abuztuan. Hirian ez da inor geratzen, atso-agure italiarren batzuk eta Afrikatik etorri direnak –horiek, denak!– izan ezik. Horiek ez dute oporretan nora joan. Edo badute, Afrikatik etorritakoek esan nahi dut, baina handik zerk ekarri dituen gogoan, hobe ez itzultzea. Herrimina badute, haatik, eta, Europa aberatseko beste edozein hiritan bezala, telefono-lekuen inguruan biltzen dira. Lokutorioetan. Egun askotan egiteko izaten duten bakarra haraxe deitzea; etxera. Goizetan autobusean sartzen ikusten nituen, euren aterpetxetik –Hotel Monte zuen izena, gogoan dudanez– gertuko zeukaten geralekuan. Iluntzean berriz, ilara-kide izaten nituen Loia plazako geralekuan. Tartean, espaloietan ikusten nituen, telefono hotsen gertuan beti. Larruazal iluneko gizonezko haiek bakar-bakarrik kalean –emakumezkorik ez nuen ikusten haien artean– Brescia hiriak bi mila eta hiruko abuztuaren sinkroniatik kanpo zela eman zidan. Aspaldiko gladiadoreen antzera, itsasoaz beste aldetik jopu etorritakoek kolpea jo zezaketela pentsa zitekeen. Beren burua ez dute horretarako gai ikusten, nonbait, eta horretan ez ausartzean ageri dira arrotzen. Bestela, hantxe etor zitekeen Erromako Inperioaren Bigarren Gainbehera. Aurriak dira nagusi Italian, eta nolabaiteko hondamenaren aurriak dira Afrikatik etorritakoak ere, baina abuztuko egun haietan hiria bera zen aurri nagusia. Garai bateko hiri-zibilizazioaren hondakin hutsa, hain zuzen. Egun batzuk igaro nituen, tarteka italieraz irakurtzen, tarteka telebista ikusten, tarteka jatekoak prestatzen. Hori bai, egunero hurreratzen nintzen hiriko gunera, posta elektronikoa begiratzera, autobusean joan eta autobusean etorri, halaxe, Afrikatik etorritakoek telefono-zokoetara, lokutorioetara, egiten zituzten antzeko txangoetan. Berririk ekarri ez postak, tenperaturak gora egiten segituko duela iragarri egunero telebistak –goizetan ekialdeko leihoak ixten nituen; arratsaldeetan, berriz, mendebaldekoak, horrela haizea sartuko delakoan edo bero galdak etxe barrua joko ez duelakoan, behintzat– eta, jatekoetan aldaketarik ezin eginik, asperdurak hantxe akabatuko ninduen, beste zerbait egin ezean, behinik behin. Eta, hara, abuztuko egunik inportanteena, hamabosta, bera beroena. Telebistako esatariak esan zuen moduan, “Italiarrek, urteko beren egunik inportanteena –Ferragosto delakoa– errepideetan emanen dute, beti egin izan duten lege berean”. Esatariak ironia finez esan zuen “lege berean” hura, nik neuk “lege zoroan” esango nukeen lekuan. Italiarrak! Frantziatik bero zitalaren eraginez hildakoen berri zetorren. Beroak eta adinak, elkarturik, zahar mordoa ari zen akabatzen han. Pasioan irtetea eta bide batez Bresciako Museoa bisitatzea erabaki nuen. Hura ikusi barik ezin itzul nintekeen etxera. Ezinago, kaleetan L’Afrodite ritrovata iragartzen zuten afixak behin eta berriro ikusi ostean. Ze, afixetako irudian ikusten zen Afroditak hegalak zituen. “Aingeruek bezala”, etortzen zitzaidan beti gogora hura ikustean. Baina ez nuen erabakitzen hura ikustera joatea. Ferragosto egun hartaraino. Etxe aurreko geralekuan ordu erdi eman nuen busaren zain. Etorri zenean ez zekarren inor, gidaria bera –noski– eta zerbitzuko beste langile bat izan ezik. Hirirainoko bidean sartu ziren bakarrak, Hotel Monte aterpetxekoak; larruazal ilunekoak. Poltsak hanken artean babesturik, beti barre algaretan, beti ozen berriketan. Egun hartan emakumezko italiar bat ere hantxe sartu zela eta zutik geratu zela dut gogoan. Bestela, denok arrotzak. Telefono-gelen aurreko geralekuan lotu ginen denok, emakumea eta gidaria izan ezik. Pasioari ekin aurretik posta elektronikoa begiratu nahi nuen, egunero bezala. Ez zegoen mezurik. Kristau Europan tankera, taxu eta izen guztietako andremariak dira-eta, abuztuaren hamabostekoa gurean ere jai handia izaten dela oroitu nintzen. Museoa bilatzeari ekin aurretik, hiriaren gaineko muinora egin nuen. Aldatsean gora, beroak hiriaren gainean ezarria zuen hodei hautsezko antzeko zikinaz, hodei itogarri astunaz, ezerk ere iragazi ezineko hautsaz ohartu nintzen. Behin goian –nire burua kokatzeko– Bresciako geltokia bilatu nahi izan nuen, eta ezin. Aldean nekarren ura gerizpetan edanda, muino gainean dagoen Armen Museoan sartu nintzen, hango aire girotuak arnasa hartzea erraztuko zidalakoan. Polita zen museoko ezpaten bilduma. Arma kontuetan adituegia ez naiz, ostera, eta, Excalibur filmaz gogoratzeaz gain, han ikusitakoetatik deus gutxi gorde ahal izango nuen. Memoria ernean behintzat. Historian barna altzairua zenbat eratako ezpata bihurtu den ikusteaz asperturik, eta arnasketa berreskuraturik, behera egin nuen, Bresciako kaleetako gerizpe gozoaren bila. Laiotzak dira Bresciako kale zaharrak. Derrigorrez. Garai batean eguzkiaren mende lan egiten zelako eta eguzkiari itzala bilatu behar zitzaiolako. Ba horrek salbatu ninduen. Horrek eta hango Hiriaren Museoaren –L’Afrodite ritrovata gorderik zeukan museoa– kanpoko atearen eta barruko atearen artean dagoen baratz modukoak, edariak zerbitzatzeko atondua baita. Hantxe egin nuen bigarren su-etena egarriarekin. Gero barrura jo nuen. Epel, isil, turistarik gabe kasik, Arte Museoaren barruan zerua zegoen. Eta horregatik edo, museoaren lekua, ikusteko beste ezer paratu gabe ere, bera litekeela nahikoa museo, halaxe otu zitzaidan. Erakusketa lekuak non-eta soto, bebarru eta ziega-ormen arteko labirinto batean elkarri loturiko eliza, kapera eta halakoen sorta eder eta niretzat endelega ezineko batean atonduak ziren. Haietan barrena galtzea erabaki nuen, L’Afrodite ritrovata haren bila beren-beregi joan gabe. Agertuko zen hura ere, berez agertzekoa bazen. Bestela azken orduan joko nuen haren bila. Sarrerako azalpenak zioenarekin bat, hantxe neuzkan etruskoak, erromatarrak, lonbardoak, veneziarrak, faxismoa, Italiaren historiako datu eta data nagusiak. Bada, aldez aurretiko ezein plangintzarik gabe ekin nion bisitaldiari. Arau bat ezarri nion neure buruari, ostera; burua ez nekatzea. Historia datuzko betekadek larritu egiten nautenez, begiak bereziki ezeri eman gabe joatea erabaki nuen, eta halaxe iritsi nintzen Erromako Inperioaren garaiko etxe baten hondakinetara. Handik oinek kanpora eroan ninduten, etxearen baratza izandakora. Behin batean teilape arkupeduna izana zena, zutabe erorien biltegi bihurturik zegoen. Han eguzkiak gogor jotzen zuen-eta, horren eraginagatik beharbada, aurriei begira imajina ezina zitzaidan etxe hartako sutondoa bizirik izaten zeneko giroa. “Aurriak ez dira ezeren itzal”, pentsatu nuen, lehenago beste askotan bezala. Hondakinen artean begiratuz ikusten zenez, hondakinok zer-eta osorik zegoen zerbaiten parte izanak ziren, kasu honetan etxe handi baten parte, bai. Baina etxe hura jausi egin zen halako batean, eta harrezkero ez dago zer eginik; hondakinetan hamaika mende emanda ere, ez nuke jakingo nire irudimenaz etxea berriro zutik ikusten. Museoek horren ahalegina egiteko eskatzen digute, ostera, eta gehienok egin egiten dugu. Berriro barruan, aurri haiek aurri bihurtu aurretik etxea nolakoa zen erakusten zuen bideoari adi paratu nintzen. Elektronikoegia zen trikimailua. Erromatar Inperioko jendeak imajinatu ahal izateko behinik behin. Lonbardoen gurutzeak eta armak alboetan nituelarik egin nuen aurrera, eta, azkenik, ormetan irudiak zituen kapera batera iritsi nintzen. Aingeruak ziren irudietan. Nongura, zenbat nahi. Deskubrimendu polita izan zen, egun haietan, telebista ikusten edo bestela joan-etorrietan ematen ez nituen tarteetan, Biblia irakurtzen ari izan bainintzen, Edengo Baratzeko Paradisuan izan ziren aingeruen arrastoaren bila. Bresciara iritsi aurretik, aspaldi zen Erik ustezko aingeruaren gaiaz arduratzen ez nintzela. Haatik, L’Afrodite ritrovata haren iragarki-irudiak ziren kaleetan paraturik, esan dudan moduan, eta irudiotan ikusten ziren aingeru-hegalek Eriken akordua ekarri zidaten. Afroditaren hegalok ikusi eta bertan, Erikek behin batean esan zidan harako hartaz gogoratu nintzen. “Geu gaituk historiako lehenengo poliziak!”, esana zidan, bere burua Paradisuko ateetan egondako aingerutzat aitortu zidanean. “Historiako lehenengo poliziak, geu, Paradisuko aingeruak!”, pluralean esan zuen bigarrenean ere, bere burua halakotzat aldarrikatuz. Norbaitek besterik uste izan balezake ere, aitormen hartan garrantzizkoa ez zen Eriken aingerutasunaren aldarrikapena. Muntarik gabekoa zen, zinez, bera aingerua ote zen ez ote zen, Paradisuan egona ote zen ez ote zen, eta beste ote denak, otezko bat izen ezik. Alegia, nola gogoratzen ote nuen nik Genesiaren ipuin hura? Zereginari ekin niolarik, maisuaren ahots erdalduna etorri zitzaidan. “Jainkoak bere aingerua bidali zuen, suzko ezpata batekin”, gogoan, halaxe nuen nik esaten zigutela eskolan. Eta hala izan baldin bazen, hots, Jainkoak Paradisura aingerua halakoetarako bidali baldin bazuen, arrazoia aitortu beharko nion Eriki; langintza zikina aingeruarena –singularrean–, historiako lehenengo poliziarena. Singularrean nahiz pluralean, orduan ez nion bere burua aingerutzat aldarrikatzean arrazoia zuen ala ez zuen eztabaidatu. Gaitz egiten zitzaidan bere aingerutasuna sinestea, ezer egitekotan horixe egin behar baitzen, sinetsi. Txunditurik, besteak utzi ninduen. Egia zela. Kristau Historiako lehenengo aingerua(k), bera(k) lehenengo polizia(k)! Brescian balego bederen, zuzen zioela aitortu ahal izateko! Baina Erik ez zegoen Brescian. Ala bai? Egia esan, garai hartan Erik edonon agertu izaten zitzaidan eta, litekeena zen han ikustea. Erik ere nonahi zegoen, Bresciara iritsi nintzenez geroztik Bibliako pasarte hura berriz irakurtzeko gogoa menderaezina egin zitzaidan. Urteko bizimodu arruntaren aurria zen Brescia, ostera; biblioteka publikoak itxita zeuden. Zorionez, etxean bazuketen liburuen liburua omen dena. “Hoba ez!”, esan nion neure buruari, etxeko gizona Kristau Demokraziaren alderdi desagertu –aurri bihurtu– hartako kidea izana zenez gero. Gizona, ostera, ez zegoen etxean liburua non zeukan galdetzeko. Alpeetan zen, etxeko besteekin batera, neu ere egun batzuk lehenagora arte egona nintzen moduan. Han, milaka urtetan goi-mendietan pilaturiko elurra urtzen ari zen uda erikor hartan, hondamendiaren testigu izatera deitu izan banindute legez sentitu nintzen. Memorian urtze hark eragiten zidan mina behingoz ahazturik, liburua bilatzeari ekin nion. Ez nuen lar nekatu behar izan. Lo egiten nuen gelan bertan, gazteentzat egokituriko Bibliaren ale bat topatu nuen. Irudi ganorabakoz hornituta zegoen, baina harixe ekin nion, aukeran nuen bakarra zenez gero. Bilatzen nuen pasartea topatzea ez zen zaila. Hura irakurtzean, ordea, ezusteko galanta hartu nuen; Jainkoak Adan eta Eva Edengo baratzetik suzko ezpatadun aingeruaren bidez egotzi zitueneko hura ez zen hala ageri Bibliako kontaeran. Erikek esana zidan moduan –geu gaituk historiako lehenengo poliziak!–, aingeruak –pluralean– Edengo baratzetik at jarri zituen Jainkoak, gazteei zuzenduriko italierazko Biblia hark ere bazioenez. Baina Biblia hura gaztetxoei zuzendua zela-eta, duda egin nuen pasartea ez ote zen halakoentzat egokitua. Ezetz erabaki nuen, eta Gustave Dorék ilustraturiko Bibliaz gogoratu nintzen, eta gogoratu nintzen, halaber, Evaren lehenengo goizaz idatzi nuena, hots, Adan eta Eva –biak– Paradisutik aingeru batek egotzi zituenekoaz18. Oker nengoen. “Traizionatu egin gaituzte! Txikitatik!”, pentsatu nuen, nork eta noiz traizionatu gaituen ez nekielarik, baina traizioren egiazkotasunaz ziur. Traizioaren berri emateko, hementxe daukat orain Biblia euskaraz. Dioena guztiz bat dator italierazkoan irakurri nuenarekin, italiera idatzian ulertu ahal dudanaren arabera, behintzat. “Beraz, Jainko Jaunak, Edengo baratzatik bota egin zuen, lurra landu zezan, handik izan baitzen hartua. Gizakia bota ondoren, izaki hegadun batzuk jarri zituen Edengo baratzaren ekialdean, suzko ezpata distiratsuak zituztela, bizi-arbolarako pasabidea ixteko”. Erikek19 esandakoa Bibliarekin bat dator; historiako lehenengo poliziak, eurak. Pluralean. Atezain beldur eragile paratu zituen, Jainkoak, Edengo baratzetik at. Ez dut indar egingo pasarte horretako beste xehetasun batzuetan –Jainko Jaunak Adan bota zuen, singularrean, eta Eva harekin joan bide zen; edo aingeru hitza barik izaki hegaldun dioela–, halakoetan luzatuz gero haria gal nezake-eta. Bresciako Museoko irudietara itzuliz, berriz, han aingeruak zerutiar ageri ziren. Gorputz osorik gabe pintatuak, sorbalda ziren, eta buru, eta hegal. Ez besterik. “Horietan ere traizioa!”, pentsatu nuen, Jainkoak Edengo baratzeko atetan paratu ei zituen aingeru gerlariak freskoetako beste haiei alderatu nahi eta ezinean. Ez nekiena zen, ostera, traizioaren historiaren hastapenetako baten berri L’Afrodite ritrovata hark eman behar zidanik. Ormetako freskoetako aingeru haiek hartara zirikaturik L’Afrodite ritrovata zuzen bilatzera jo nuenerako Museoan barrena lau ordu kasik etenik gabean ibilia nintzenez, hango barruko kafetegira egin nuen, ura edatearren. Kafetegiak terraza bazuen-eta, ura hantxe edatea erabaki nuen, hala zigarrotxo bat ere erre ahal izango bainuen. Gogoan dut astiro ekin niola urari, astiro zigarrotxoari. Hiriko teilatuetan gora uhin zikinetan igotzen, lurruna igartzen zen. Bero hark bat baino gehiago akabatu behar zuela pentsatu nuen. Eta halaxe izan zen. Baina ez da kontua bi mila eta hiruko udako beroak eraman zituenak zenbat izan ziren esatea. Asko izan ziren, eta halaxe izan zirela aipatzea nahikoa. Eguna telefono-zokoetako itzalpean ematen ari ziren afrikarren akordua etorri zitzaidan burura. “Egun osoa dei bat egitearen zain, horra herriminaren neurria!”, pentsatu nuen, neu ere herriminez nengoen arren beste haiena ezberdina zela ziur. Ezin itzuli duenaren herrimina, laster itzuliko denak sentituriko minaren halako hamaika da. Ez dakit ur hark ondo egin zidan, ala zigarrotxoaren eragina izan ote zen, ala kanpoan zegoen beroak eragin ninduen, baina L’Afrodita ritrovata bila azkenik, munduko edozein museotan lau orduko bisitaldiak egin dezakeen kalteaz pentsatzen joan nintzen. “Kalte nahikotxoa”, esan dezaket orain, Afrodita zegoeneko zokondoaren alboan kasik hari erreparatu gabe igaro bainintzen. Non zegoen ohartu banintzen, txiripaz izan zen. Hura kasik atzean utzia nuelarik argi horixka batek betertzean jo ninduelako, bestela jai. Han, argi horixka haren abaroan eta pasabideko ezker aldean, harrizko hiru horma eta laugarren bat –pasabidekoa– burdinazko ate eginik zituen gela karratu batean zegoen Afrodita. Pauso bat atzera eginik, atetik begiratu nuen. Afrodita hura ez zegoen bakarrik. Aurrean bere berdin bat zeukan. Beste Afrodita bat?! Barrura egin nuen. Gelako argitasun horixka goitik behera zetorkien irudi biei, leun, lepoan behera minik eragin barik joan zekien bilatu izan balute moduan. Minbera, guztiz minbera, baitziruditen irudiek. Irudi biak elkarren ispilu izan zitezkeen, xehetasun batzuk gorabehera. Kolorea, lehenik eta behin; bat bestea baino ilunagoa zen. Horren zergatia garbi zegoen. Marmolezkoa zen irudi argia, brontzezkoa iluna. Bigarrenik, brontzezkoa bestea baino jantziago zegoen! Bai, zeren eta marmolezko Afrodita, argiena, zilbor hestearen zulotxoa baino gorago biluzirik eta titiak agerian zegoen, eta brontzezkoari, berriz, titien gaineraino iristen zitzaion soinekoa. Bestela, biak bat. Biak ziren keinu berean ebakiak. Biek zituzten besoak aurrera eta zabal luzaturik, eskuinekoa beherantz eta ezkerrekoa gorantz, esku bien artean objektu ikusezinen bat baleukate moduan, nabarmen-nabarmen. Objektu galdua, harrezkero. Hori bai, biak zeuden moduan zeudelarik ziren elkarren berdinak; hots, aurrez aurre. Zeren eta lepoz lepo jartzeko aukera izanez gero, besterik izan baitzitekeen kontua. Bata eta bestearen inguruan astiro ibiliz ohartu nintzen horretaz. Afrodita argiagoaren bizkarraldea –hots, Afrodita biluziagoarena– ipurdi mami borobil perfektu haietaraino luzatua bera, akatsik gabea zen; ostera, Afrodita ilunagoak, jantziagoak, hegalek utzitako zauriak eta ebatondoak zituen. Bizkarraldean. Aingeruen irudiei hegalak jarri izaten zitzaien alde bietan, omoplatoak baino beherago. Zauriak zituen, eta ebakiondo modukoak ere bai. Azkenok hegalak gorputzari lotzeko torloju-hondarrak ziren. Zauri eta ebakiondo nabarmenak ziren. Hegalak erauztean egindakoak. Eta hegalak, non ziren hegalak? Gelako zokondo batean begiztatu nituen, aldare ematen zuen harrizko zutarrian paratuak. Jainkoren bati opari utzita bezala zeuden. Negarrak begietara egin nahi izan zidan. Aldare airekoaren alboan irudiei buruzko informazioa zegoen-eta, malkoak huraxe irakurriz eragotzi gura izan nituen. Lerro batzuk irakurri nituen, asko ere ez, baina bai irudi bien zergaitiez ideia bat osatzeko adina. Eskuen artean falta zuten objektua ispilua zen, Afrodita argiaren kasuan, eta gerra-ezkutua, bestearen kasuan. Irudi bien artean jesarri nintzen. “Hona traizioaren historiaren beste atal bat; lepoan hegalak jarri eta, gainera, eskuetan, ispiluaren ordez, gerra-ezkutua!”, esan nuen neure artean, Erik aingeru ustekoa gogoan. Traizioaren nondik norakoa ulertzeko, esan behar da irudi biak zirela Afrodita izandakoak, eta, halako batean, bietako bat berregokitu egin zutela, jarriz hegalak, izan zedin Hegaldun, izan zedin Garaitzaren mezulari. Horrela sortu zen La Vittoria alata, Garaipen hegalduna, orain haren izena gogoan ez dudan baten garaipena gogorarazteko. “Maitasunaren jainkosa izana zena, gerra hotsen mezulari!”, deskubrimenduak min sorgorra eragin zidan. Gure zibilizazioaren aurrerabidean egindako pauso kultural garrantzitsua, zinez. Irudi biak bestela hain ziren elkarren berdinak, molde beretik atereak ziruditen. Edertasunaren greziar molde klasikotik. Zutitu egin nintzen, eta Afrodita bien artean jarri. Neurriak hartu nahi nizkien. “Bikiak, eta hortxe-hortxe metro eta erdi”, nire gorputza bien alboan paratuz erabaki nuen, irudiei zerien edertasunak garaiago, jagiago iritziarazi zizkidala pentsatuz. Armonia erabatekoan ebakitako irudiak ziren, ostera. Eta bat-batean, Afroditaren emakume-gorputz harrizkoa aztertzen niharduela haren titiei erreparatzean, Yolanda etorri zitzaidan gogora. Yolanda Nafarroako hartan. Yolanda iluntzean begira eta gero dantzan. Eta Yolanda edanean. Eta Yolanda nire aurrean biluzten. Eta nire bizi guztian ikustea mesedea egin zaidan soinik doituena, armoniatsuena, Yolandaren soina. Titiak eta titiburuak, ipurdiak eta iturburuak, besoak eta besaburuak, belaunak eta belaunburuak, harengan dena zen biribilean burutua. Afrodita? Yolanda, denen artean txikiena, betargiena eta, biluzirik ikustea plazera izan duenak dio, armoniaren legeak bete-betean betetzen zituena. Gau labur bat egin genuen elkarrekin. Yolanda! Afrodita aztertu ostean, La Vittoria alata, Garaipen hegaldunari ekin nion. Eta berriro ikusi nituen haren omoplatoetako zauriak eta ebakiondoak. Eta hegalak hantxe zeuden, aldare moduko zutarrian, erredun. Afrodita hegalen pisuak nekatua, Afrodita hegal erauziek zauritua, Afrodita hil eta geroko hegalez aingeru birjaioa. Treblinka etorri zitzaidan gogora. Eta Auschwitz. Museoko sarreran erakusketaren liburuxka erosi nuen. Gose nintzen-eta, handik irten ostean Loia plazara egin nuen. Egun osoan ezer ahoratu barik, aurrien artean bilatu gura izan nuen non jan. Ez nuen gogoko ezer ikusi, ostera, eta oinez ibiltzeari ekin nion. Kale nagusiko espaloietan taldeetan bildurik, Afrikatik etorritakoak arratsaldea egon-egonean ari ziren ematen, busa berriro hartzeko orduaren zain, nonbait. Nik kalean aurrerago hartzea erabaki nuen. Kilometro bat edo egin nuen oinez. Aztoratu egin nintzen arte. Kale nagusia bitan banatzen zen gunera iritsi nintzelarik, ezkerretara ala eskuinetara jo lotu nintzen. Ezkerretara jo nuen, eta, oker egin ote nuen beldurrez, kaleak banatzen ziren gunera itzuli nintzen. Ez neukan hartu behar nuen busaren zenbakiaren akordua. Aztoratuago, are atzerago egin nuen, harik eta hura autobus ugariren geralekua zela zioen kartela zeukan batera iritsi arte. Hantxe itxaron nuen. Ordu erdiren bat igaroa zen –Ferragosto, urteko egunik garrantzizkoena Italian– lehenengo busa etorri zenerako. Ez zen hura hartu behar nuena. Halaxe esan zidan gidariak. Eta esan gabe ere igarriko nukeen. Ez zekarren afrikarrik. Afrikarrak zekartzan bus bat gelditu zenean, hantxe sartu nintzen. Busaren barruko giroa ohikoa zen. Berba ozenak, barreak, poltsak hanken artean, txartel trukeak eta, oro har, munduaren sinkroniatik at egotearen sentsazioa. Liburuxka irakurtzeari ekin nion. Busa etxearen gertuko geralekuan lotu zenean hantxe jaitsi nintzen. Irakurria nuen L’Afrodite ritrovataren historia, izatez aurkikuntza biren historia zena. Lehenengo aurkikuntza 1826ko uztailaren 20an izan zen, bi mila eta hiruko Ferragostoko hura bezain beroa nekez izana zitekeen egun batez. Capitolium delakoa eta ni lehenago egona nintzen muinoaren artean agertu zen. Hegal eta guzti. Hain txundigarria izan omen zen La Vittoria alada, Garaipen hegalduna, agertu izana, ezen berehala bilakatu baitzen hiriaren ikur. Sortzez hirikoa ez zen arren, hipotesiak eginez, irudia, jatorriz, Kristo aurreko hirugarren mendekotzat eta greziartzat jo ahal izan dute. Hori ahaztu gabe ere, sortzez hegalik gabea zela ohartarazi behar da. Bada, hegalak noiz jarri zitzaizkion, horra bigarren aurkikuntza. Itxura batean, irudia Korintokoa omen da-eta, hura zakuratu ostean (K.a. 44an izan zen hori) Erromara eroan zuten. Hala ere, baztertu behar ez den beste hipotesi bat ere bada, alegia, Egiptotik ekarria izatea. Irudia Erromara nondik ere eroana zen, handik Bresciara ekarri zuten, eta halako batean hegalak paratu zizkioten. Hegalak paratu, Bedriacorumgo bigarren batailaren kariaz egin omen zioten. Hori K.o. 69an izan zen-eta, horra zenbaki esanguratsua, traizioarena umoretsu hartzeko gogoa ematen duena. Umorea gorabehera, hura dena Erik ustezko aingeruarekin izaten nituen berbaldietako gai nagusiari lotu nion; traizioaren gaiari. Norbaitek alegiazko ipuin bat kondatu nahi izan balit legez zen. Greziatik Italiara joan, eta, hiru menderen buruan, Afrodita, maitasunaren eta edertasunaren jainkosa, aingeru gerra hotsen mezulari bilakatua zen. Horra traizioa. Eta traizioaren tamaina borobiltzeko, Afroditari, hain eder ebaki zutenean esku artean jarri zioten ispiluaren ordez, gerra-ezkutua paratu omen zioten, La Vittoria alata legez gerrariago ager zedin. Zorionez, galdua da ezkutua, ispilua galdu zen historiaren laino berean. Bestela, gerra-ezkutuan bildu ahal zen odolak ispiluarena egin ote zezakeen, urak egin egiten moduan, ez dakidana da hori. Etxera ailegatu nintzenean, L’Afrodite ritrovata liburuxka maletan sartu nuen, egunen batean oraingo hau idatziko nuen esperantzan. Gero, biharamunari begiratuz, etxearen ekialdeko pertsianak jaitsi eta mendebaldekoak igotzeko maniobrari ekin nion. Bigarren alde horretan balkoia dagoenez, hantxe lotu nintzen. Euria zekarren. Itxura batean behintzat. Berriro etxe barruan, telebista piztu nuen, eta, afari xume bat prestatu artean, Ferragostoko berriek entretenitu ninduten. Harik eta Italiako teleberrietan ohikoa dena gertatu zen arte. Carabinierien ekintza heroikoa. Bero galdetan hiltzekotan izana zen norbait nola salbatu zuten. Egunero ateratzen zituzten horiek telebistan. Egunero eta albistegi oro. Aingeruen pare, karabineroak. Alferrik zen horretatik alde egiten saiatzea. Albistegi denetan, azken berrietako batean, aingeruak. Zapping egitea erabaki nuen. Hartan nengoela, haizea altxatu zuela sumatu nuen. Balkoira irten nintzen. Aurreko etxean pertsianen mugimendua ikusi nuen eta, bazen norbait han. Eta inguruko beste batzuetan berdin. Oporretan joan gabe geratuak zirenak. Telebistaren aurrera itzuli nintzen. Eliza Katolikoaren kanala hautatu nuen. Aita santu baten laudoriozko biografia ematen ari ziren. Ez dakit Joan XIII ala Paulo VI.aren biografia zen. Haxix pixka bat erretzea erabaki nuen, ohean Bibliako pasarte hura berrikusi beharko nuela gogoan. Oi!, Erikekin orduan hitz egiterik izan banu, bederen. Nik ere ez, bainugelan sartu da oraingoan, eta handik hitz egin dit; ebanjelioetan begiratu duzu, ala? Begiratu egingo dut, erantzun dut, emakumearen bigarren dutxaren hotsek nire hitzek estaltzen ote duten igarri izanik. Ez dutxatzea erabaki dut. Usaina ez galtzearren. Bidali egidazu emailez zerbait, esan dit, gelako atea ixtean. Zertaz? Kristoren suizidioaz. Interesgarria dirudi. Fededuna zara?, galde egin diot. Ez, erantzun dit. Ni ere ez. Oharrak [←1] Alizeren lorategia [←2] Gizakien gaitz guztiak arrazoi bakar batek eraginda datoz; ez gara gai gela batean atsedenean egoteko. [←3] Ez zara honetatik bakarrik biziko. [←4] Batzuetan, portuan lan egiten dugu. Asteburuetan. Aurreko asteburuan nire lagunak eta biok atera genituen… [←5] Badakizu? Garabilaria naiz. [←6] Orain bi hilabetera arte banuen lana. [←7] Seropositibo izateagatik bota ninduten. [←8] Enpresako analisietan eman zidan. [←9] Karlo Borromeo 1538ko urriaren 2an sortu zen Aronako arroka-muinoan altxaturiko gazteluan, zeina Napoleonek suntsitu baitzuen behin eta berriz. 1610ean, hil eta 25 urte baino igaro ez zirela, santu egin zuten. [←10] Santu iruzurtia, aita Pioren kontrahistoria. [←11] Jaungoikoaren hogeita hamairu izenak. [←12] Eromenaren arketipoak literaturan. [←13] Sen falta. [←14] Maitasunaren eromena. [←15] Azken afaria. [←16] Izokia. [←17] Ohea. [←18] Ikusi “Marihuanazko bufandak” (Txalaparta, 2002) bilduman dagoen ipuina “No da, bada, kea, Eba?” (105. orrialdea). [←19] Ikusi “Ostarrak lurra ukitzen duen lekua” (Txalapara, 2018).
Ohe, Lambert! Ou est Lambert? As-tu vu Lambert? I Mila zortziehun eta hirurogeita bost honetako urtarrilaren hamahiruko hamabiak eta erdietan, Elena Ivanovna, Ivan Mateitx, nire adiskide jakintsu, lankide eta partez urrutiko ahaidearen emazteari Passagean prezio jakin bat ordainduta ikusgai zegoen krokodiloa ikusteko gogoa sartu zitzaion. Atzerrirako bidaia baterako billetea dagoeneko patrikan zuela (gaixotasunagatik baino areago jakin-minagatik) eta horrenbestez lanpostuan dagoeneko lanetik oporretan jotzen zela eta, beraz, goiz hartan Ivan Mateitx guztiz libre zegoenez, emaztearen ezin eutsizko apeta ez eragotzi ez ezik, berari ere piztu egin zitzaion jakin-mina. –Ideia bikaina –esan zuen, pozarren– goazen krokodilo hori ikustera! Europarantz abiatzeko honetan, ez da gauza txarra izango han bizi diren indigenak hemendik bertatik ezagutzen hastea –eta hitz horiek esanik, emazteari besotik heldu eta instantean atera zen harekin Passagerantz. Ni neu, nire ohiturari jarraituz, haiekin batera joan nintzen, etxeko laguna nintzenez. Ordu arte inoiz ikusi gabea nuen Ivan Matveitx niretzat hain gogoangarria den goiz hartan bezain aldarte onean; zein egia den ez dugula aurrez jakiten zer dakarkigun patuak! Passagean sartuz batera hasi zen eraikinaren aberastasuna miresten, eta oraindik aspaldi ez zela hiriburura ekarritako munstroa erakusten zuten lokalera iritsi ginelarik, berak ordaindu nahi izan zizkion krokodilo-jabeari nire billetearen hogeita bost kopekak, ordu arte inoiz gertatu ez zitzaion gauza, hain zuzen. Lokal txiki hartan sartu ginenean, krokodiloaz gainera, kakatua izeneko mota arrotzeko papagaiak ere bazirela ohartu ginen, eta haiez gainera baita tximino talde bat ere, hormako sakonune batean zegoen armairu berezi batean. Sarrera ondo-ondoan, ezkerreko horman, bainu-ontzi baten gisako zinkezko aska handi bat zegoen, burdinazko sare sendo batez estalia, eta haren barrenean arra erdi bat ur. Putzu mehe hartan itzeleko krokodilo bat zeukaten, enbor bat bailitzan etzanda, zinez zirkinik ere egiten ez zuela, eta, itxuraz behintzat, atzerritarrentzat hain hezea eta abegi txarrekoa den gure klima honen ondorioz bere ahalmen guztiak galdurik. Hasieran munstro hark inori ez zigun aparteko jakin-minik eragin. –Hau al zen krokodiloa? –esan zuen Elena Ivanovnak desilusio-doinu batez abesten bezala–; beste era batekoa… izango zela uste nuen nik! Diamantezkoa izango zela usteko zuen hark, nonbait. Guregana azaldu zen aleman bat, nagusia, krokodiloaren jabea, harro-harro zegokigun begira. –Badu harro egoteko arrazoia –xuxurlatu zidan Ivan Matveitxek–, ongi baitaki bera dela bakarra Errusia osoan krokodilo bat erakusten. Oharpen guztiz zentzugabe hori ere Ivan Matveitx gainezka eginda zeukan neurriz goitiko aldarte onari egotzi nion, zeharo inbidiosoa izaten baitzen beste batzuetan. –Zure krokodilo hori ez dago bizirik –esan zuen berriro Elena Ivanovnak, jabearen zakartasunak mindurik, eta irribarre graziaz bete bat eginez mintzatu zitzaion, gisagabe hura erakartzeko, emakumeek hain berea duten amarruaz baliatuz. –A, ez, madam –erantzun zuen hark errusiera urratu batez eta segituan, kutxaren estalkiaren erdia jasorik, makila batez kokokriloa buruan zirikatzen hasi zen. Munstro maltzur hark hankak eta isatsa zertxobait mugitu, muturra jaso eta zurrunga luze baten antzeko bat egin zuen orduan, bizirik zegoelako seinaleak emateko,. –Ea, ez haserretu, Karlchen! –esan zion alemanak amultsuki, bere harrotasunean atsegin harturik. –A zer krokodilo nazkagarria! Izutu eta guzti egin nau –murduskatu zuen Elena Ivanovnak are lausengu-asmo handiagoz–; orain ametsetan ere agertuko zait. –Baina ametsetan ez dizu hozka egingo, madam –ohartarazi zuen alemanak galaniaz, eta bera izan zen hitz haien zolitasunaz barre egiten lehena, baina gutako inork ez zion erantzun. –Goazen hemendik, Semion Semionitx –jarraitu zuen esanez Elena Ivanovnak, niri bakarrik mintzatuz–, hobe dugu tximinoak ikustera joan. Tximinoak ikaragarri gustatzen zaizkit; grazia bat dute… krokodiloak, berriz, izua ematen dit. –Oi, ez izan beldurrik, maitea –egin zigun oihu atzetik Ivan Matveitxek, emaztearen aurrean bere bipiltasuna harro erakutsiz–. Faraoien erresumako biztanle logaletsu honek ez digu ezer egingo –eta askaren ondoan geratu zen. Ez hori bakarrik; bere eskularru bat harturik, krokodiloai sudurrean kilimak egiten hasi zitzaion, berriro bufada bat egitera behartzeko asmoz, geroago aitortuko zidanez. Haren jabea Elena Ivanovnari jarraituz joan zen tximinoen armairurantz, andre dama baten atzetik balihoa bezala. Horrela bada, ezin hobeto zihoan den-dena, eta ez zegoen aurrez ezer sumatzerik. Elena Ivanovna erotzeko moduan ari zen dibertitzen tximinoekin eta bazirudien haiengan jarria zuela arreta guztia. Atsegin-oihuak egiten zituen, denbora guztian niri mintzatuz, jabeari jaramonik egin nahi ez balio bezala, eta algaraka hasten zen tximino haien eta bere ezagun berrien eta adiskideen artean antzekotasunen bat aurkituta. Neu ere dibertitzen ari nintzen, begi bistakoa baitzen antza. Aleman jabeak ez zekien barre egin ala ez egin, eta bekozko iluna ipini zuen bukaerarako. Eta une horretantxe orro ikaragarri, naturaz gaindiko batek, esango nuke nik, inarrosi zuen bat-batean aretoa. Zer pentsatu ez nekielarik, bertan izozturik geratu nintzen hasieran; baina, Elena Ivanovna ere garrasika ari zela oharturik, laster bai laster biratu, eta zer ikusiko? Ivan Matveitx gizajoa, Jaungoiko nirea!, krokodiloaren baraila izugarriek gerritik erdiz erdi harrapatuta eta airean horizontalean jasota, hankak eroaren moduan ostikoka zituela. Unetxo bat, eta haren arrastorik ere ez zen geratu. Baina zehatz-mehatz deskribatuko dut, zeren mugitu ere gabe egon bainintzen denbora guztian eta astia izan bainuen nire aurrean gertatzen ari zen prozesu guztia beste inoiz izan dudanik gogoratzen ez naizen arreta eta ikusmin batez begiztatzeko. “Zeren, Ivan Matveitxen lekuan niri gertatu izan balitzait hau dena, a zer nahigabea!” –pentsatu nuen zoritxarreko une hartan. Baina goazen mamira. Ivan Matveitx gaixoa bere baraila izugarrietan biratu eta haren hankak bereganantz jartzen hasi zen krokodiloa, eta hankak irentsi zituen lehenik; gero, Ivan Matveitx zertxobait kanporaturik, kanpora ateratzen eta ontziaren ertzari heltzen ahalegintzen ari baitzen, berriro irentsi zuen gerria baino goragoraino. Ondoren, berriro korrok eginik, barrurago eta barrurago irentsi zuen. Horrela, Ivan Matveitx gure begien aurrean ari zen bistatik desagertzen. Azkenean, zaust tragatuz, krokodiloak osorik irentsi zuen nire adiskide jakintsua eta oraingo honetan arrastorik ere ez zuen utzi harenik. Krokodiloari azalean antzematen zitzaion, hartzen zituen formei erreparatuz, nondik ari zen igarotzen Ivan Matveitx haren barrenean. Berriro garrasi egitera nindoala, beste burla doilor bat egin nahi izan zigun zoriak: krokodiloak beste ahalegin bat egin zuen, irentsitako gauza haren tamaina izugarriak beharturik, nonbait; bere aho-zulo ikaragarri hura berriro zabaldu zuen, eta hartan, azken korrokada batean, unetxo batez azaldu zen Ivan Matveitxen burua, aurpegian desesperoa nabari zitzaiola, eta, horretan, betaurrekoak sudurretik aska-hondora erori zitzaizkion. Bazirudien gauza guztiei azken begirada bat berriro bota eta bere espirituz mundu honetako plazer guztiei azken agurra egitera baizik ez zela atera etsimenez betetako buru hura. Baina ez zuen astirik izan asmo hori burutzeko: krokodiloak ahalegin handi bat egin zuen berriro, eta instanteko desagertu zen burua, oraingo honetan betirako. Oraindik ere bizirik zegoen giza buru bat agertze eta desagertze hori hain zen izugarria, baina, horrekin batera –hain bizkor eta ezustean gertatu zelako edota betaurrekoak sudurretik erori zitzaizkiolako, agian– bazuen halako ukitu bat ere hain barregarria, non barre-algara bat atera baitzitzaidan bat-batean eta guztiz ustekabean; une hartan, ordea, etxeko laguna izanik, barre egitea gaizki egokitzen zela oharturik, Elena Ivanovnarenganantz biratu eta begirada errukior batez esan nion: –Oraintxe kaput gure Ivan Matveitx! Ezin dut pentsatu ere nola deskribatu zenbaterainoko bihotz-ikarak hartu zuen Elena Ivanovna prozesu hori guztia gertatzen zen bitartean. Hasieran, lehenengo oihuaren ondoren, harri bihurturik bezala geratu zen zegoen lekuan eta itxuraz axolarik ez balio bezala begiratzen zion bere aurrean gertatzen ari zen iskanbilari, baina begiak erabat irtenak balitu bezala; ondoren oihu erdiragarriak egiten hasi zen bat-batean, baina nik besotik heldu nion. Une horretan jabeak ere, hasieran izumenak leloturik geratuak, bat-batean eskuak batu eta oihu egin zuen zerura begira: –Ai, nire krokodiloa, oi mein allerliebster Karlchen! Mutter, Mutter, Mutter!1 Garrasi haiekin batera, atzeko atea zabaldu eta mutter azaldu zen, gaueko txanoz jantzitako emakume musu-gorri, adinekoa, txima-nahasia, eta oihuka oldartu zen bere alemanarengana. Sekulako iskanbila hasi zen bat-batean: Elena Ivanovnak gauza bat baizik ez zuen oihu egiten, erotuta bezala: “Sartu labana! Zabaldu tripak!”, eta jabearengandik mutterrarengana oldartzen zen, –oharkabean, seguru asko– norbaiti zerbaitengatik tripak zabaltzeko eskatuz, itxuraz. Jabeak eta mutterrak ez batari ez besteari ez ziguten jaramonik egiten: marru batean ari ziren bi-biak, txekorrak bailiran, askaren ondoan. –Galdu da, lehertu egingo da, ganz2 funtzionario bat irentsi du-eta –egiten zuen oihu jabeak. –Unser Karlchen! Unser allerliebster Karlchen wird sterben!3 –esaten zuen alarauka emakumeak. –Gu, zurtz eta ogirik ez! –jarraitu zuen jabeak. –Zabaldu tripak, zabaldu tripak, zabaldu tripak! –egiten zuen Elena Ivanovnak, alemanaren lebitari atxikirik. –Krokodilo zirikatu, zergatik krokodilo zirikatu! –egiten zuen oihu alemanak, harengandik askatzen ahaleginduz–; Karlchen lehertu, zuk ordaindu; das war mein Sohn, das war mein einziger Sohn!4 Egia esan behar badut, izugarrizko amorrazioa nuen, aleman arrotz haren egoismo hura eta haren mutter zabarraren bihotz-lehortasuna ikusirik; baina Elena Ivanovnak etengabe errepikatzen zituen garrasi haiek: “Tripak zabaldu, tripak zabaldu!” are gehiago larriagotzen ninduten eta arreta guztia hartu zidaten azkenerako, izutu ere egiteraino… Esan beharra dut, ordea, kontrara ulertu nituela garrasi bitxi haiek: Elena Ivanovna une batez burutik nahastu zela iruditu zitzaidan, baina hala ere bere Ivan Matveitx maitearen galeraren ordainetan, mendeku gisa, krokodiloa zigorkatzeko eskatzen ari zela. Izatez, ordea, oso bestelako gauza bat ari zen adierazten. Aterantz, eta ez nahasmenik gabe, begiratuz, Elena Ivanovnari sosegatzeko erregutzen hasi nintzen eta, batez ere, ez erabiltzeko “zabakdu tripak” hitz minberagarri haiek. Zeren non eta hantxe, Passagearen bihotz-bihotzean eta lagunarte jakintsu baten erdian, une horretan bertan agian Lavrov jauna hitzaldi publiko bat ematen ari zen aretotik bi pausora horrelako desira retrogrado bat adieraztea ezin sinistuzkoa ez ezik, pentsatu ere ezinezkoa baitzen, eta une batetik bestera Stepanov jaunaren iseka-txistuak eta karikaturak erakar baitziezazkigukeen, gainera. Berehalaxe ikusi nuen, izututa, zuzen nenbilela nire beldurrezko susmo haietan: bat-batean krokodiloaren gela hogeita bost kopekak kobratzen zituzten sarrerako gela-zulotik bereizten zuen errezela zabaldu, eta gizon bibotedun bat agertu zen sarreran, bizarduna, buruko kapela eskuetan zuela, gorputzaren goiko aldea ahal zuen guztia aurrera makurturik eta ahaleginean hankak krokodiloaren gelatik kanpora edukitzen saiatuz, sarrera ez ordaintzeko eskubidea ez galtzeko. –Horrelako desira retrogrado bat izateak, andrea –esan zuen ezezagunak, nolabait gure aldera erori gabe, atalaseaz beste aldean geratzen ahaleginduz– ez dio ohorerik egiten zure adimen mailari eta garunean fosforo aski ez izateari zor zaio. Aurki hasiko zaizkizu iseka-txistuka Progresoaren Kronikan eta gure satira-orrietan… Baina ezin izan zuen bukatu: jabea, bere onera etorririk, eta pertsona bat sartzeko ezer ordaindu gabe krokodiloaren aretoan hitz egiten ikusi eta ikaraturik, amorru batean oldartu zen progresista ezezagunaren kontra eta esku bien ukabilkada banaz bota zuen handik kanpora. Une batez biak desagertu ziren gure bistatik errezelaren atzean, eta orduan baizik ez nintzen ohartu ezerezetik sortu zela iskanbila hura guztia; Elena Ivanovnak ez zuen ezeren errurik: ez zuen inondik ere, gorago ere esan dudan bezala, krokodiloari makilaz jipoitzearen tortura retrogrado eta apalgarria ezartzeko asmorik, baizik eta, Ivan Matveitx haren barrenetik askatzeko, laban batez sabela zabaltzea nahi zuen soil-soilik. –Zer! Nire krokodiloa hiltzea nahi! –hasi zen oihuka haren jabea, berriro lasterka etorririk–, ez, lehenengo zure senarra hil, eta gero krokodil!… Mein Vater5 erakusten krokodiloa, mein Grossvater6 erakusten krokodiloa, mein Sohn7 erakutsiko krokodiloa, eta nik erakusten krokodiloa! Denek erakutsi krokodiloa! Ni ganz Europan ezaguna, baina zu ganz Europan ez ezaguna, eta isuna pagatuko niri. –Ja, ja! –sartu zen aleman emakumea haserre–, joaten ez utziko, Karlchen hilda, isuna! –Sabela zabaltzea alferrik izango litzateke, gainera –gehitu nuen nik soseguz, Elena Ivanovna albait lehen handik etxera eraman nahirik–, gure Ivan Matveitx maitea dagoeneko enpireoetan hegan dabil-eta seguruenik. –Adiskidea –entzun zen une horretan, gutxien uste izateko moduan, Ivan Matveitxen ahotsa, gu erabat txundituta utziz–, adiskidea, nire iritzian hobe da komisariara zuzen jotzea, zeren bestela aleman honek, poliziaren laguntzarik gabe, ez baitu ulertuko zer ari den gertatzen. Hitz horiek, indarrez, autoritatez esanak, odol hotz bereziz adieraziak baitziren, hainbesteraino txunditu gintuzten hasieran non ezin baikenuen sinistu gure belarriek entzuten zutena. Baina, jakina, krokodiloaren askara ondoratu ginen segituan eta begirunez bezain sinistu ezinik entzun genion preso gizajoari. Haren ahotsa motela, ahula eta are kirrinkaria zen, nahiko urrutitik baletor bezala. Beste gela batera erretiratu eta ahoa logelako bururdi arrunt batez estalirik, oihuka hasi eta ondoko gelan dagoen entzuleriarentzat bi pertsonek basamortuan edo elkarrengandik bereizten dituen amildegi sakon baten gainetik elkarri nola hots egiten dioten imitatu nahi dituen bromazale bat gogoratzen zuen; horrelako bat entzuteko atsegina izan bainuen behin Gabonetan, ezagun batzuenean. –Ivan Matveitx, maitea, bizirik zaude-eta! –zezelkatzen zuen Elena Ivanovnak. –Bizirik eta onik –erantzun zuen Ivan Matveitxek–, eta, inolako okerrik gabe irentsita, Jaungoikoari esker. Gauza batek bakarrik kezkatzen nau: nola ikusiko ote duten gertaera hau nire nagusiek; zeren atzerrira joateko billetea lortu ondoren, krokodilo baten barrura joateak ez baitu grazia handirik… –Zu ez kezkatu grazia duen ala ez, adiskidea; lehenengo gauzazu hortik kanpora erauzteko moduren bat aurkitu behar dugu, lehenengo gauza –eten zion Elena Ivanovnak. –Errauzi! –egin zuen oihu jabeak–, ez dut utziko krokodiloari ezer errauzterik. Orain, askoz publikum gehiago etorriko, fünfzig8 kopek kobratuko eta Karlchen ez lehertuko. –Gott sei Dank!9 –erantsi zuen ugazabandreak. –Arrazoia dute –ohartarazi zuen patxadaz Ivan Matveitxek–, ekonomiaren printzipioa ororen gainetik. –Adiskidea –egin nion oihu–, oraintxe noa hegan nagusiengana eta esan egingo diet, zeren badut susmoa guk bakarrik ez dugula ezer onik asmatuko. –Horixe uste dut nik ere –ohartarazi zuen Ivan Matveitxek–, baina merkatu-krisiko gure garai honetan zaila da krokodilo baten sabela ordain ekonomiko bat eman gabe, doan zabaltzea, eta horrekin batera, beste galdera bat, erremediorik gabe: zenbat eskatuko du jabeak krokodiloarengatik? eta horrekin batera beste bat: nork ordainduko du?, zeren badakizu nik ez dudala ondasunik… –Zure soldatatik aurrerapena hartuta, beharbada –ohartarazi nion herabez; baina krokodiloaren jabeak segituan eten zidan: –Nik krokodiloa ez salgai; nik krokodiloa saldu hiru mila; krokodiloa saldu lau mila! Orain publikum asko etorriko. Krokodiloa saldu, bost mila! Hitz batean esateko, jasan ezinezko moduan harrotu zen; diru-gosea eta irrika nazkagarria alaikiro ikusten zitzaizkion begietan dirdir. –Banoa ni hemendik! –egin nion oihu, erabat gaitzituta. –Ni ere bai! Baita ni ere! Andrei Osipitxenganaino joko dut, eta hunkituko egingo dut nire malkoez –esan zuen negarti Elena Ivanovnak. –Ez ezazu egin horrelakorik, maitea –eten zion albait lasterren Ivan Matveitxek, aspaldidanik baitzebilen Andrei Osipitxen jelosiaz eta bai baitzekien emaztea pozik joango zela gizon jakintsu baten aurrean negar egitera, malkoek edertu egiten zutelako–. Eta zuri ere ez dizut aholkatzen, adiskidea –jarraitu zuen, niri mintzatuz–; besterik gabe joateak ez du merezi; gainera, zer aterako da honetatik. Gaur hobe duzu Timofei Semionitxengana joatea, bisita pribatu gisa. Gizon zaharkitua eta motz samarra da, baina prestua eta, garrantzitsuena, gizon zuzena da. Agurtu nire izenean eta deskribatu gertatutakoaren zirkunstantziak. Eta, kartetan egin genuen azkeneko alditik zazpi errublo zor dizkiodanez, emazkiozu, aukera duzunez: horrek bigundu egingo du agure lehor hori. Nolanahi ere, haren aholkuak zer egin erabakitzeko balioko digu. Eta bien bitartean eraman hemendik Elena Ivanovna… Lasaitu zaitez, maitea –jarraitu zuen, hari mintzatuz–, nekatuta nago garrasi horiez eta emakume-liskar horiez guztiez eta lokamuska bat egin nahiko nuke. Hemen epel egiten du eta biguna dago, nire ustekabeko aterpe hau aztertzeko astirik oraindik izan ez badut ere… –Aztertu! Hor argia duzu, ala? –egin zuen oihu harriturik Elena Ivanovnak, pozarren. –Gau ilunak inguratzen nau –erantzun zuen preso gaixoak–, baina haztatu dezaket eta, nolabait esateko, eskuez azter dezaket… Agur, bada; egon lasai eta ez baztertu jostagarri guztiak. Bihar arte! Eta zu, Semion Semionitx, etorri arratsaldean bisita egitera, eta arduragabe hutsa zerenez eta beharbada ahaztu egingo duzunez, egin korapilo bat musuzapian… Aitortu behar dut pozten ninduela alde egiteak, oso nekatuta eta aspertzen hasita bainengoen dagoeneko. Bizkor-bizkor Elena Ivanovnari besotik heldu –goibel baina emozioak ederturik zegoen– eta albait lasterren atera nuen krokodiloaren gelatik. –Arratsean sartzeagatik, beste hogeita bost kopek! –egin zigun oihu jabeak atzetik. –Jaungoikoa, hauek diruzaleak! –jaulki zuen Elena Ivanovnak, Passageko hormetako ispilu guztietan bere irudiari begiratuz eta, itxuraz, ohi baino ederrago zegoela ohartuz. –Ekonomiaren printzipioa –erantzun nion emozio pixka batez eta oinezkoen aurrean halako damarekin nenbilelako harro. –Ekonomiaren printzipioa… –errepikatu zuen hark ahostxo atsegin batez–; Ivan Matveitxek ekonomiaren printzipio gorrotagarri horri buruz esan duenetik ez dut tutik ere ulertu. –Nik azalduko dizut –erantzun nion eta atzerriko kapitalak gure aberrira erakartzearen emaitza onuragarriez hitz egiten hasi nintzaion, “Petersburgoko Berriak” eta “Ilea” egunkarietan goiz hartan bertan irakurri berria nuenaren arabera. –Bai gauza bitxia! –moztu zidan, une batez entzuten egon ondoren–; utz ezazu hori behingoz, nazkagarri hori; zer tontakeria ari zara esaten… Esadazu, oso gorrituta nago? –Zoragarria zaude, ez gorriturik! –esan nion, aukera hartaz konplimendu bat egiteko baliatuz. –Alproja! –zezelkatu zuen atseginez–. Ivan Matveitx gaixoa –jarraitu zuen handik minutu batera, burutxoa koketeriaz bizkarrerantz makurtuz–, niri, egia esan, pena ematen dit! Jaungoikoa! –eta oihuka hasi zen bat-batean–, esadazu, nola jan behar du gaur hor barruan eta… eta… nola moldatu behar du… premiaren bat baldin badu? –Aurreikusiezinezko arazoa –erantzun nion, neu ere nahasturik. Egia esateko, ez zitzaidan burutik pasatu ere egin hori; horretarako emakumeak praktikoagoak dira gu, gizonok, baino, eguneroko arazoak konpontzeko! –Gaixoa! Nola sartu ote da hor barrura… inolako entretenimendurik gabe eta ilunpetan… Hauxe pena, ez zait geratu argazki bat ere geratu bererik… Eta hala, hemen naukazu orain alargun baten moduan… –gehitu zuen irribarre limurtzaile batez, bere egoera berrian interesaturik, bistan zenez–; um… pena ematen dit, nolanahi ere!… Hitz batean esateko, senarra galdu berria duen emakume gazte eta xarmagarri baten tristura guztiz ulergarri eta naturala erakusten zuen. Azkenean bere etxeraino eraman nuen, lasaitu nuen eta, berekin bazkaldu eta kafe-katilu urruntsu bat hartu ondoren, arratsaldeko seietan Timofei Semionitxen etxerantz abiatu nintzen, familia duen eta egoera onean dagoen edonor ordu horretan etxean atsedeten egongo zelako ustean. Lehen atal hau gertatutakoaz kontatzen dudanari dagokion estilo txukunean idatzirik, hemendik aurrera estilo neurtuago baina ez honen jaso, baina bai naturalago batean idazteko asmoa daukat, eta halaxe jakinarazten diot aurrez irakurleari. II Timofei Semionitx agurgarriak zalaparta antzean eta nahikoa nahastuta balego bezala hartu ninduen. Bere bulego estura eraman ninduen eta kontu handiz itxi zuen atea: “Haurrek trabarik egin ez diezaguten” –esan zuen nabarmen asaldatuta. Ondoren aulki batean eserarazi ninduen bere idazmahaiaren ondoan, bera besaulki batean eseri zen, bere kotoizko etxeko jantziaren beheko ertzak gurutzatu zituen eta, zer gerta ere, halako itxura ofizial, ia zorrotza hartu zuen, nahiz eta ez izan nire nagusia, eta ezta Ivan Matveitxena ere, ordu arte lankide soila baizik, edo ezagun soila. –Lehenik eta behin –hasi zen esaten–, kontuan hartu ni ez naizela ugazaba, agindupeko pertsona bat baizik, zu bezala, Ivan Matveitx bezala… Ni alde batean nago eta ez daukat inolako asmorik horretan nahasteko. Harritu egin nintzen itxuraz dagoeneko dena zekielako. Hala eta guztiz ere, berriro kontatu nion historia osoa xehetasun guztiekin. Emozioz eta guzti hitz egin nion, zeren egiazko lagun baten eginbeharra ari bainintzen betetzen une hartan. Harridura berezirik gabe, baina mesfidantza-seinale argiak emanez entzun zidan. –Ba, pentsa ezazu –esan zuen, entzun ondoren–; beti uste izan dut seguru gertatu behar zitzaiola horrelakoren bat. –Zergatik hori, Timofei Semionitx? Gertaera bera ondo berezia iruditzen baitzait… –Bai, ados. Baina Ivan Matveitxek ondorio horretaraxe jo izan du bere enplegu-karrera guztian zehar. Ausarta da, buru-iritzia esango nuke. “Progresua”, eta gisa horretako ideik beti, eta horra nora daraman progresuak! –Baina gertaera hau ohiz kanpokoa da guztiz, eta ezin har daiteke progresista guztientzako arau orokor gisa… –Hala da, ordea. Hau dena, badakizu?, gehiegizko eskolatze baten ondorioa da, sinesten ahal didazu. Zeren gehiegi eskolatutako jendeak alde guztietan sartzen baitu muturra, inork deitzen ez dien lekuetan batez ere. Baina zuk gehiago dakizu, beharbada –gehitu zuen, minduta bezala–. Ni ez naiz hain eskolatua, eta zaharra naiz, gainera; soldadu baten seme gisa hasi nintzen, eta aurten bete ditut berrogeita hamar urte lanbide honetan. –Ez horixe, Timofei Semionitx, barkatu. Oso bestela baizik; Ivan Matveitx irrikatan dago zure aholkua, zure orientabideak jasotzeko. Begiak malkotan erregutzen dizu, esango nuke. –Begiak malkotan. Um… Krokodilo-malkoak dira horiek, eta ez osorik sinistekoak. Baina, esadazu, zer dela-eta atzerrira joan behar hori? Eta zer dirurekin, gainera? Zeren dirurik ez du, ez da? –Azkeneko lan-sarietatik aurreratutakoarekin, Timofei Semionitx –erantzun nion errukizko doinuz–. Hiru hilabeteko bidaia bat, horixe besterik ez, Suitzara, Gilen Tell-en aberrira. –Gilen Tell? Um! –Napolin udaberriaren iritsiera ikusi nahi zuen. Museoak ikusi, ohiturak, animaliak… –Um! Animaliak? Ba, harrokeria hutsa, nire iritzian. Zer animalia? Animaliak? Gurean animalia gutxi al dago, bada? Badira piztia-etxeak, museoak, gameluak. Petersburgo ondo-ondoan badituzu hartzak. Eta horra, bera krokodilo baten barruan orain… –Mesedez, Timofei Semionitx, gizon hori estuasun larrian dago, gizon horrek adiskide gisa jotzen du zuregana, ahaide zaharrago batengana bezala, zure aholkuaren eske, eta zuk erasiaka erantzuten diozu… Elena Ivanovna gaixoaz errukitu zaitez, besterik ez bada! –Haren emaztea nahi duzu esan? Emakumetxo xarmagarria –esan zuen Timofei Semionitxek, eta nabarmen bigundurik, atsegin handiz hartu zuen tabako-hurrupada bat–. Pertsona zolia. Bete samarra, burutxoa beti alborantz makurtua bezala duena, makurtu samarra… Oso atsegina. Herenegun bertan hitz egin zidan hartaz Andrei Osipitxek. –Hari buruz hitz egin zizun? –Bai jauna, eta laudorioz aipatu ere. Bularra, esaten zuen, begirada, orrazkera… Emakumea baino bonboi bat areago, esaten zuen, eta barre egin genuen. Gazteak dira oraindik –Timofei Semionitxek zarata handiz zintz egin zuen–. Eta gaztea, gainera, eta nolako karrera ari diren egiten bien bitartean… –Bai, baina orain bestelako kontu bat da, Timofei Semionitx. –Jakina, jakina! –Hortaz, zer, Timofei Semionitx? –Zer egin dezaket, bada, nik? –Esperientzia handiko pertsona bezala, ahaide bezala, emaiozu aholkuren bat! Nondik jo? Agintariengana jo ala… –Agintariengana? Ez horrelakorik –esan zuen presaka Timofei Semionitxek–. Aholku bat nahi baduzu, beste ezer baino lehen kontu hau estali eta, nolabait esateko, pertsona pribatu gisa behar da jokatu. Kasu susmagarria da, eta aurrekaririk gabea. Hori batez ere, aurrekaririk ez da, eta dio gehitzen merezimendurik… Horregatik, zuhurtzia batez ere… Egon dadila han pixka batean. Itxaron egin behar da, itxaron… –Baina nola itxaron, Timofei Semionitx? Eta han itotzen baldin bada? –Zergatik ito behar du? Zeuk esan ez duzu bada, nahiko konfort onean instalatu dela? Berriro kontatu nion dena, hasieratik hasita. Timofei Semionitx gogoeta egin zuen. –Um! –esan zuen, tabako-hautsaren kaxatxoa esku artean biratuz– nire iritzian ona izango da, gainera, atzerrira joan ordez aldi baterako han geratzen bada. Atsedenaldi horretan gogoeta egin dezala; ez du ito behar, eta horregatik behar diren neurriak hartu behar dira onik egon dadin: eztulik ez dezala harrapatu, eta gainerakoak… Eta alemanari dagokionez, eskubide osoa du, nik uste, beste alderdiak baino gehiago, gainera, zeren baimenik gabe sartu baitira bere krokodiloaren barruan, eta ez da bera sartu Ivan Matveitxen krokodiloaren barruan baimenik gabe, beste aldetik, gogoratzen naizenez behintzat, ez baitzuen krokodilorik. Beraz, krokodiloa jabetza pribatuko ondasuna denez, ezin zaizkio barrenak atera kalte-ordainik eman gabe. –Gizadia salbatzeko, Timofei Semionitx. –Hori poliziaren kontua da. Haiengana jo behar da. –Baina gerta daiteke zerbaitetarako Ivan Matveitxen beharra izatea. Dei diezaiokete zerbaitetarako. –Ivan Matveitxen beharra? Je, je! Ofizialki oporretan dago, gainera; ahaztu dezakegu, beraz, Europako lurrak ezagutzen ari den bitartean. Bestelako kontua izango litzateke denbora hori igarota azaltzen ez baldin bada; orduan bai, galdetuko dugu, ikerketak egingo ditugu… –Hiru hilabeteren buruan! Mesedez, Timofei Semionitx! –Berak du errua. Nork sartu du han? Gauzak horrela badira, haurtzain bat kontratatu beharko zaio gobernuaren kontura, baina hori ez dago aurreikusita langile-partidetan. Eta garrantzitsuena: krokodiloa ondasun pribatua da; beraz, ekonomiaren printzipioa deituak agintzen du horretan. Eta ekonomiaren printzipioa doa beste ororen aurretik. Herenegun gauean bertan hitz egin zuen horretaz Ignatii Prokofitxek Lukas Andreitxen etxean; Ignatii Prokofitx, ezagutzen duzu? Kapitalista bat da, ur handitakoa, eta, badakizu, badaki hitz egiten: “Industria behar dugu –esaten zuen–, industria gutxi dugu. Sortu egin behar dugu. Kapitalak sortu behar dira, hau da, bitarteko maila bat, burgesia deitua sortu behar da. Eta kapitalik ez dugunez, atzerritik erakarri beharko ditugu. Lehenik eta behin bidea eman beharko zaie atzerriko konpainiei gure lurretan sailak eros ditzaten, gaur egun atzerrian alde guztietan egiten den bezala. Herri-jabetza pozoia da –esaten du hark–, hondamendia! Eta, badakizu zein suharki hitz egiten duen; normala da beraientzat: kapitala dute… ez dira enplegatuak. Herri-jabetzarekin, ez industria ez nekazaritza ez omen dira indartuko. Atzerriko konpainiek ahal dela puskaka gure lur guztia eros dezaten ahalegindu behar da eta gero zatitu eta berriro zatitu ahal diren zatirik txikienetan, eta, badakizu, zzzatitu, horrela nabarmenduz; eta orduan jabetza pribatuan saldu. Edo, hobeto, ez saldu, eta errentan eman. Lur guztia atzerriko konpainien eskuetan dagoenean, esaten zuen, orduan nahi den prezioa jarri ahal izango da errentagatik. Horrela bada, nekazariak hiru aldiz lan gehiago egingo du, eguneroko ogiaren truke bakarrik, eta nahi denean bota ahal izango da lanetik. Horrela ulertuko du; esanekoa, saiatua izango da eta hiru aldiz gehiago produzituko du prezio beragatik. Zeren orain, herri-jabetzarekin, zer axola dio berari? Badaki ez dela goseak hilko, eta alferkerian eta mozkorkerian ibiltzen da. Bien bitartean dirua erakarriko genuke, kapitalak osatuko lirateke eta burgesia garatuko litzateke. Times berak, ingeles egunkari politiko eta literarioak, gure finantzez ari zela, oraindik aspaldi ez dela adierazten zuen ezen horrexegatik ez zirela handitzen gure finantzak, gure artean erdiko mailarik ez dagoelako, fortuna handirik ez dagoelako, proletario adeitsurik ez dagoelako…” Ongi hitz egiten du Ignatii Prokofitxek. Hizlari ona da. Txosten bat aurkeztu nahi die nagusiei eta gero Izvestian argitaratu. Horiek ez dira Ivan Matveitxen bertso kaxkarrak… –Eta Ivan Matveitx, zer? –tartekatu nuen berriro, agureari hitz egiten utzi ondoren. Timofei Semionitxi gustatu egiten zitzaion aldian behin luze jardutea eta frogatzea ez zebilela atzeratuta, jakinean baizik. –Ivan Matveitx zer? Horretaraxe noa, hain zuzen. Hemen gabiltza atzerriko kapitalak gure aberrira erakarri nahiz eta zeuk ikusten duzu: krokodilo-zaleak ekarri duen kapitala, Ivan Matveitxen bitartez, oraindik bikoiztu baizik ez da egin eta, atzerritar jabe hori babestu ordez, non hasten gaituzun bere kapital nagusiari sabela zabaldu nahiz. Zentzuzkoa da hori? Nire iritzian, Ivan Matveitxek, aberriaren egiazko seme bezala, pozez eta harro egon beharko luke, atzerritar krokodiloaren balioa bikoiztu, beharbada hirukoiztu ere bai, egin delako bere bitartez. Hori behar da kapitalak erakartzeko. Batek arrakasta badu, ikusiko duzu, etorriko da beste bat beste krokodilo batekin, eta bi edo hiru ekarriko ditu batera, eta haien inguruan kapitalak pilatuko dira. Eta horra burgesia. Horixe bultzatu behar da. –Mesedez, Timofei Semionitx! –esan nion oihu eginez–; ia-ia naturaz gaindiko sakrifizio bat exijitzen diozu Ivan Matveitx gaixoari! –Nik ez diot ezer exijitzen, eta lehenik eta behin erregutzen dizut, lehen ere erregutu dizudan bezala, kontuan hartzeko ni ez naizela nagusietakoa eta, horrenbestez, ezin diodala inori ezer exijitu. Aberriaren seme gisa hitz egiten dut, hau da, ez dut hitz egiten “Aberriaren Semeak” egunkariak bezala, aberriaren seme bezala baizik. Beste alde batetik, nork agindu dio krokodilo barruan sartzeko? Gizon prestua, maila ezagutu bateko gizona, legeak agintzen duen bezala ezkondua, eta ez nondik eta ez handik horrelako pausoa egin! Zentzurik badu? –Pauso hori nahi gabe izan da, ordea. –Nork daki hori? Eta, esadazu, gainera, nondik ordaindu krokodiloaren jabeari? –Bere soldatatik aurreratuz; ezta, Timofei Semionitx? –Aski izango da? –Ez da aski izango, Timofei Semionitx –erantzun nion, saminki–. Krokodiloaren jabea izutu egin zen hasieran, krokodiloa lehertu egingo zitzaiolakoan, baina gero, dena ongi zihoala ikusirik, harrotzen hasi zen, poztu egin zen sarreraren prezioa bikoiztu egin zezakeelako. –Hirukoiztu, laukoiztu ere bai, beharbada! Ikusleak pilaka etorriko dira orain, eta krokodilo-jabeak jende bizkorra dira. Ez dira bijilia-egunak, gainera, dibertitzeko gogoa dago eta horregatik, berriro esaten dizut, bere inkognitoa gorde behar du Ivan Matveitxek, ez du larritu behar. Jakin dezatela denek krokodiloaren barruan dagoela, baina ez dezatela ofizialki jakin. Alderdi horretatik, Ivan Matveitx bereziki egoera onuragarrian aurkitzen da, atzerrian baitago ofizialki. Krokodiloaren barruan dagoela esango dute; guk ez dugu egiaztatuko. Horretan laburbil daiteke dena. Itxaron dezala, hori da garrantzitsuena; norako presa du, gainera? –Bai, baina… –Ez kezkatu, sendoa da… –Bai, eta gero, itxaron ondoren? –Ba, ez dizut ezkutatuko kasu hau guztiz berezia denik. Ez da erraz ulertzen eta, batez ere, okerrena, orain arte ez dela izan horrelako aurrekaririk. Eredurik izango bagenu, izango genuke argitzeko moduren bat. Baina nola konpondu, honela? Ulertzen saiatzen bagara, luzatu egingo da gauza. Ideia distiratsu bat bururatu zitzaidan. –Ezin al daiteke moldatu –esan nuen– bere patua munstroaren erraietan geratzea baldin bada, eta probidentziaren nahia baldin bada bizirik irautea, ezin al daiteke moldatu eskaera bat aurkezteko hala ere ofizialki lanean balego bezala har dezaten? –Um… oporretan eta soldatarik gabe, beharbada… –Soldatarekin ezinezkoa da? –Zertan oinarrituta? –Negozio-bidaia gisa… –Nolako betekizunetara eta nora? –Ba, erraietara, krokodiloaren erraietara… Informazioa biltzeko, eman dezagun, gauzak bertatik ikertzeko. Hori gauza berria izango da, jakina, baina progresista izango da, eta jakintzarengatiko arreta erakutsiko luke aldi berean … Timofei Semionitx pentsakor geratu zen. –Krokodiloaren erraietara eginkizun berezi baterako funtzionario berezi bat bidaltzeak ez luke zentzurik, nire iritzian –esan zuen azkenean–. Estatutuetan ez da ageri horrelakorik. Eta zer eginkizun izan daiteke, gainera, han? –Izadia bertatik bertara, bizitan eta zuzenean, ikertzeko, nolabait esateko. Oraintxe bertan bolada-boladan daude izadi-jakintza, botanika… Bera hantxe biziko litzateke eta… ba… digestioaren edo, nik al dakit, ohituren berri emango liguke. Datuak biltzeko. –Estatistikarako, alegia. Horretan ez naiz ona, eta ez naiz filosofoa ere. Datuak, esaten duzu; baina nahikoa eta sobera ditugu datuak eta ez dakigu zertarako erabili. Estatistika hori arriskutsua da, gainera… –Zertan? –Arriskutsua. Ados egongo zara, bestalde, egonean egonez ezagutaraziko lituzkeela datu horiek. Eta lanik egin al daiteke alferkeria goxoan egonez? Hori ere berria da, eta arriskutsua gainera; eta horretan ere aurrekaririk ez da. Horren aurrekaritxoren bat balitz behintzat, orduan bai, eman ahal izango litzaioke zerbitzu-betekizuna, nire iritzian. –Baina, orain arte inork ez baitu ekarri krokodilo bizirik, Timofei Semionitx jauna. –Um, bai… –gogoeta egin zuen berriro–. Hala nahi baduzu, arrazoia duzu horretan eta zure argudio hori balia daiteke hori arazo honen tramitazioa aurrera eramateko oinarri gisa. Baina har ezazu kontuan krokodilo bizi gehiago agertzearekin enplegatuak desagertzen hasten baldin badira eta gero, han berotan eta gozo-gozo daudela-eta, zerbitzu-betekizunetara bidal ditzaten eskatzen badute, eta gero egonean geratzen badira… zeu ere ados egongo zara, etsenplu kaxkarra izango dela. Zeren, horrela balitz, hara nahiko kukete denek, lanik gabe dirua irabazteko. –Saia zaitez haren alde zerbait egiten, Timofei Semionitx! Bide batez: karta-jokoko zorra, zazpi errublo, emateko erregutu dit Ivan Matveitxek… –A, bai; lehengo batean galdu zituen, Nikifor Nikiforitxenean! Gogoan dut. Orduan bai, alai zegoen, txantxak egiten, eta begira orain!… Agurea egiaz hunkiturik zegoen. –Saia zaitez, Timofei Semionitx! –Saiatuko naiz. Neure izenean hitz egingo dut, neure aldetik, informazio eske ariko banintz bezala. Eta, beste alde batetik, jakin ezazu, bide ofizialez kanpotik, zeharbidez, ea krokodiloaren ordainez zenbat dirurekin konformatuko litzatekeen haren jabea. Timofei Semionitx biguntzen ari zen, nabarmen. –Hutsik egin gabe egingo dut –erantzun nion–, eta segituan etorriko naiz berria zuri ematera. –Eta emaztea… bakarrik dago orain? Aspertuta? –Ikusi bat egingo bazenio, mesede, Timofei Semionitx. –Joango naiz, asmoa banuen azkenaldi honetan, eta aukera ona da… Baina zerk, zerk bultzatu du krokodiloa ikustera? Neuk ere banuen ikusteko gogoa, hala ere. –Egiozu bisita bat gaixo horri, Timofei Semionitx jauna. –Egingo diot. Baina, hori bai, nire urrats honekin inori ez diot itxaropenik piztu nahi. Partikular joango naiz… Ikusi arte, beraz; Nikifor Nikiforitxenera joatekoa naiz berriro; han izango zara? –Ez, ni presoa ikustera noa. –Bai, orain preso baitago!… Ai, buru-arina izatea! Agurea agurtu nuen. Era askotako burutapenak zebilzkidan buruan. Timofei Semionitx bihotz oneko gizona, gizon prestua zen, baina poztu egin nintzen harenetik ateratzean, bere lanean dagoeneko berrogeita hamar urte bete zituelako eta gure artean dagoeneko Timofei Semionitx askorik ez zelako. Hegan joan nintzen Passagera, jakina, Ivan Matveitx gaixoari den-denaren berri ematera. Eta jakin nahi nuen, gainera, nola ari zen moldatzen krokodiloaren barruan eta nola bizi zaitezkeen krokodilo baten barruan. Hain zuzen ere, egiaz bizi daiteke bat krokodilo baten barruan? Une batzuetan, izan ere, halako amets izugarri bat zela iruditzen zitzaidan hura dena; are eta gehiago munstro bat zelako, hain zuzen… III Ba ez, ez zen ametsa, benetako errealitate zalantzarik gabea baizik. Nola ariko nintzen kontatzen, bestela? Baina, noan aurrera… Berandu iritsi nintzen Passagera, bederatziak inguruan, eta atzeko atetik sartu behar izan nuen krokodiloa zegoen aretora, oraingo honetan ohi baino lehen itxi baitzuen alemanak saltokia. Etxeko jantzian zebilen lebita xahar krakatsu batez jantzita, baina goizean, artean aspaldi ez zela, baino hiru aldiz kontentuago. Begien bistan ageri zen dagoeneko ezeren beldurrik ez zuela eta “publikum asko etorri” zela. Mutterra geroago azaldu zen, ni zaintzeko, inondik ere. Alemanak eta mutterrak maiz hitz egiten zuten elkarrekin txutxu-mutxuka. Saltokia itxita zegoen dagoeneko, baina hogeita bost kopek kobratu zidan hala ere. Zein zehaztasun beharrik gabea! –Zuk aldi bakoitzean ordaindu behar; publikumak errublo bat pagatu, zuk hogeita bost kopek, zeren zu zure lagun onaren lagun ona eta nik estimatzen lagunak… –Bizirik zaude, bizirik zaude nire lagun jakintsua? –esan nion oihu eginez, krokodiloarengana hurbilduz eta nire hitzak, urrutitik bazen ere, Ivan Matveitxi iritsi eta bere buruaren oniritzia goratuko ziotelako itxaropenean. –Bizirik eta onik –erantzun zidan, urrutitik edo oheperen batetik ari balitzait bezala, nahiz eta bere ondo-ondoan egon ni–, bizirik eta onik, baina horretaz gero hitz egingo dugu… Zer moduz gauzak? Nahita, galdera entzun izan ez banu bezala, ia hasi nintzen galdetzen, sinpatiaz eta bizkor-bizkor, nola aurkitzen zen, nola moldatzen zen krokodiloaren barruan eta oro har krokodiloaren barruan zer zegoen. Adiskidetasunak eta jendetasun normalak ere eskatzen zuten horrenbeste. Hark, ordea, lainezaz eta zakarki moztu zidan. –Zer moduz gauzak? –egin zidan oihu, aginduka, ohi bezala, bere ahots garratz, oraingo honetan bereziki gorrotagarriaz. Oso-osorik kontatu nion Timofei Semionitxekin izandako solasa, xehetasun guzti-guztiekin. Kontatzean nire doinuan erresumin pixka bat adierazten saiatu nintzen. –Arrazoia du zaharrak –erabaki zuen Ivan Matveitxek nirekin hitz egiterakoan erabili ohi zuen zakartasunaz–. Jende praktikoa gustatzen zait niri,; zalantzati ezti-jarioak ezin ditut jasan. Prest nago, hala ere, zure zerbitzu-betekizunetako ideia hori guztiz zentzugabea ez dela aitortzeko. Informazio asko eman dezaket, izan ere, bai zientziaren ikuspegitik bai moralaren ikuspegitik. Orain, ordea, espero ez zen ikuspegi berri bat hartzen du denak, eta ez du merezi soldatagatik bakarrik gestioak egiterik. Entzun arretaz. Eserita zaude? –Ez, zutik nago. –Ba, eseri nonbait, berdin dio lurrean bada ere, eta entzun erne. Erremindurik, aulki bat hartu eta danbateko batez utzi nuen berriro lurrean, amorraturik. –Entzun –hasi zen, aginduz–, gaur sekulako jendetza etorri da ikustera. Arratsean ez zegoen lekurik ere, eta polizia etorri da ordena jartzera. Zortzietan, hau da, ohi baino lehen, jabeari beharrezkoa iruditu zaio saltokia ixtea eta erakusketa moztea, bildutako dirua zenbatzeko eta biharko erosoago prestatzeko. Badakit bihar feria bete-betea izango dela hemen. Horrela bada, uste izatekoa da hemen azalduko direla hiriburuko jende ikasi guztiak, goi-mailetako andre guztiak, atzerriko herrialdeetako enbaxadoreak, abokatu eta magistratuak, eta gainerakoak. Gehiago: gure inperio zabal eta jakin-min honetako probintzia ugarietatik hasiko da jendea etortzen. Horren ondorioz, den-denen begien bistan egongo naiz, eta ezkututik bada ere, denen ahotan egongo naiz. Jendeari irakasten hasiko naiz. Esperientziak irakasita, gogo-handitasunaren eta patuaren aurrean etsipena izatearen eredua izango naiz. Gizadia argitzeko katedra izango naiz, nolabait esateko. Orain bizilekua dudan munstro honi buruz eman ditzakedan datu zientifikoak berak guztiz baliotsuak dira. Eta, horregatik, gertatu zaidanagatik atsekabetu ordez, itxaropen oso-osoa dut karrerarik distiratsuena egingo dudala. –Ez zara aspertuko azkenean? –ohartarazi nion maltzurki. Gauza batek amorrarazten ninduen gehiena: ia erabat utzi ziola pertsona-izendordainak erabiltzeari; hainbesteraino zegoen laineza hartuta. Nolanahi ere, horrek guztiak nahastuta nindukan. “Baina zertaz, zer arraioz harrotu ote daiteke txoriburu kaskarin hori! –esaten nuen marmarka, neure golkorako–. Negar egiteko garaia du, ez harrotzeko”. –Ez! –erantzun zion zorrozki egin nion oharpenari–, zeren gainezka baitatozkit ideia handiak, eta orain baizik ezin amets egin dezaket soseguz gizadi osoaren zoria nola hobetu. Krokodilo honetatik aterako dira orain egia eta argia. Dudarik ez dut teoria berri bat asmatuko dudala harreman ekonomikoei buruz eta harrotzekoa izango da, orain arte ezin izan baitut garatu, lanak eta gizarte honetako denbora-pasa hutsalek astirik utzi ez didatelako. Dena gezurtatuko dut eta Fourier berri bat izango naiz. Eta, bide batez, eman dizkiozu zazpi errubloak Timofei Semionitxi? –Bai, neure patrikatik –erantzun nion, ahotsean neuretik ordaindu nizkiola nabarmentzen saiatuz. –Egingo ditugu kontuak –erantzun zidan harro–. Soldata jasoko didate, seguru; zalantzarik ez dut; zeren nori jaso behar diote, niri ezpada? Orain sekulako irabaziak aterako dituzte niregandik. Baina goazen harira. Emaztea? –Elena Ivanovnaz ari zara, ezta? –Emazteaz? –egin zuen oihu, garrasika ere bai, oraingo honetan. Zer eginik ez zegoen, harekin! Etsita, baina hortzei kirrinka eraginez berriro, Elena Ivanovna nola utzi nuen kontatu nion. Bukaeraraino entzun ere ez zidan egin. –Asmo bereziak ditut berari dagokionez –hasi zen, ernegaturik–. Ni hemen famatu egiten banaiz, bera hor famatu izatea nahi dut. Zientzialari, olerkari, filosofo, atzerriko mineralogialari, estatu gizon, denetik joango zaizkio arratsaldean bere saloira, goizean nirekin solastu ondoren. Datorren astetik aurrera arratsero hasi behar du bigirak antolatzen. Nire soldata bikoizturik, aski izan behar luke harrera horietarako, harrera lekaio kontratatuek zerbitzatutako te batera mugatu behar delako, eta kito. Eta han eta hemen nitaz hitz egingo dute. Aspalditik nengoen irrikatan jende guztiak nitaz hitz egiteko aukera noiz iritsiko, baina nire ospe urriak eta nire laneko maila apalak ez zidaten uzten. Orain, berriz, lortuta dago hori dena, krokodilo baten mokadu arrunt bati esker. Nire hitz bakoitza entzungo da, esaera bakoitza hausnartuko, ahoz aho zabalduko da, argitaratuko da. Erakutsiko diet nor naizen! Ulertuko dute azkenean nolako dohainak utzi dituzten galtzen krokodilo baten erraietan. “Gizon hau izan zitekeen ministro atzerrian eta baita erreinu bat gobernatu ere”, esango dute batzuek. “Eta gizon honek ez zuen gobernatzen atzerriko erreinurik” –esango dute beste batzuek. Zeren zertan, zertan naiz ni Garnier-Pagés edo dena delako hori baino gutxiago? Emazteari nire pendant10 izatea dagokio; nik adimendua, hark edertasuna eta adeitasuna. “Emakume ederra da; horregatik da haren emaztea", esango dute batzuek. “Emakume ederra da, haren emaztea delako", zuzenduko diete besteek. Badaezpada ere, Elena Ivanovnak eros dezala bihar bertan Andrei Kraievskiren zuzendaritzapean argitaratzen ari den hiztegi entziklopedikoa, edozein gairi guruz hitz egiteko kapaz izan dadin. Irakur dezala batez ere “San Petersburgoko Berriak” egunkariko premier politique11 eta erka dezala “Ilea” egunkarikoarekin. Iruditzen zait krokodiloaren jabea ados egongo dela aldian behin krokodiloa eta biok emaztearen saloi distiratsura eramateko. Aska batean egongo naiz egongela bikainaren erdian eta goizetik prestatuta eramango ditudan hainbat ateraldi jaulkiko ditut. Estatu-gizonari nire proiektuen berri emango diot; olerkariarekin bertsotan hitz egingo dut; andreekin asmotsua eta galaniatsua izango naiz, beren senarrentzat arriskurik ez dudanez. Gainerako guztientzat patuaren eta probidentziaren nahiaren aurrean eraman onekoa izatearen eredua izango naiz. Emaztea literaturako dama distiratsua bihurtuko dut; aurrera bultzatuko dut eta jendaurrean azalaraziko dut; nire emaztea den aldetik, dohainik handienez jantzia izan behar du eta Andrei Alexandrovitx zuzen onez gure Alfred de Musset errusiarra deitzen duten bezala, arrazoi handiagoz deituko dute hura gure Eugenia Tour errusiarra. Aitortu beharra dut, burugabekeria haiek guztiak betiko Ivan Matveitxekin nahikoa egokitzen baziren ere, hala eta guztiz ere sukarra ote zuen eta eldarnioka ari ote zen bururatu zitzaidala. Betiko Ivan Matveitx normal berbera zen, baina gauzak hogei aldiz handitzen zituen beira batetik begiratuta. –Adiskidea –galdetu nion–, horrela luzaro bizitzea espero al duzu? Eta esadazu, oro har, osasunez ongi zaude? Nola jaten duzu, nola lo egiten duzu, nola hartzen duzu arnasa? Zure laguna naiz, eta ados egongo zara gertaera hau naturaz gaindikoegia dela, eta nire jakin-mina naturalegia dela horrenbestez. –Funtsik gabeko jakin-mina, beste ezer ez –erantzun zidan, dotrina emanez bezala–, baina kontentatuko zaitut. Munstro honen erraietan nola egokitu naizen galdetzen didazu? Hasteko, krokodiloa hutsik dago erabat; gauza harrigarria. Barrena gomaz egindako zaku erraldoi huts bat bezalakoa du, Gorojovaia-n, Morskaia-n eta, oker ez banago, Voznesenski hiribidean ere saltzen dituzten kautxuzko produktu horietakoen antzeko batez egina. Pentsa, nola kabituko nintzateke bestela hemen barruan? –Benetan? –hots egin nuen, ulertzekoa den harridura batez–. Krokodilo osoa hutsik dago hortaz? –Erabat –baietsi zuen Ivan Matveitxek zorrozki eta hotsandikiro–. Eta naturaren beraren legeen arabera egokituko zen honela, seguru asko. Krokodiloak hagin zorrotzez hornitutako ahotzar bat eta ahoaz gainera isats luze-luze bat baizik ez du; hori da dena, zehazki esateko. Bi mutur horien arteko tartean leku huts bat dago, kautxuaren gisako zerbaitez inguratua; kautxua izango da, gainera, seguru asko. –Eta saihetsak, urdaila, hesteak, gibela, bihotza? –moztu nion, amorraturik. –E-ezer ez, horrelakorik ezertxo ere ez, eta, izan ere, sekula ez da izan seguru asko. Bidaiatzaile arrunten fantasia alferrak dira horiek guztiak. Oraintxe bertan, odoluzkietarako kuxinak nola puzten diren, halaxe puzten dut nik krokodiloa nire gorputzaz. Ez da sinestekoa zein elastikoa den. Zeu ere, etxeko adiskide gisa, koka zintezke nire ondoan, nahi izanez gero, bihotz zabala bazenu, eta, zu hemen egonda ere, lekua sobera izango litzateke. Elena Ivanovna hona ekartzea pentsatzen ari naiz, gainera, besterik ezin baldin bada. Krokodiloaren egitura huts hau izadi-jakintzak dioenarekin guztiz ados dator, gainera. Zeren, eman dezagun, adibidez, krokodilo berri bat egin beharko litzatekeela; segituan planteatuko litzateke galdera: zein da krokodiloaren ezaugarri nagusia? Erantzuna argi dago: gizakiak irenstea. Nola eman krokodiloari gizakiak irensteko moduko egitura? Erantzuna argiagoa da oraindik: hutsa egin. Fisikak aspaldi erabakia du izadiak higuin duela hutsunea. Horrela, bada, krokodiloaren barrenak hutsik egon behar du, hutsunea higuin izan dezan eta, horrenbestez, etengabe irensten eta eskura duen guztiaz betetzen aritu dadin. Horra, krokodilo guztiek gizakiak zergatik irensten dituzten, zentzuzko arrazoi bakarra. Gizakiaren egituran ez da horrelakorik: zenbat eta hutsago gizakiaren burua, esate baterako, orduan eta gogo gutxiago hura betetzeko, eta horixe da arau orokorraren salbuespen bakarra. Hori dena eguna bezain argi ikusten dut orain; neure adimenaren eta esperientziaren bidez atera dut hori dena, izadiaren sakoneko erraietan, haren erretortan nagoelako eta haren pultsua entzuten dudalako, nolabait esateko. Etimologia bera ere ados dator nirekin, zeren krokodiloaren izenak berak gose amorratua esan nahi baitu. Krokodilo, Crokodillo, italiar hitza da, inondik ere, hitz modernoa, beharbada Egiptoko faraoien garaietatik datorrena eta, seguru asko, croquer erro frantsesetik dator; eta horrek jan, irentsi eta, oro har, sabeleratu esan nahi du. Hau dena Elena Ivanovnaren saloian, aska honetan hara eramanda, jendaurreko lehenengo hitzaldi gisa azaltzeko asmoa dut. –Heste-aringarriren bat hartu beharko zenuke, adiskidea! –egin nion oihu, nahi gabe. “Sukarra du, sukarra, sukarretan dago!” errepikatzen nuen nire baitarako, izuturik. –Tentelkeriak! –erantzun zidan destainez–, oraingo egoera honetan oso deserosoa izango litzateke, bestalde. Banuen susmoa, gainera, heste-aringarria aipatu behar zenidala. –Adiskidea, nola… mola moldatzen zara hor jateko? Bazkaldu duzu gaur, behintzat? –Ez, baina beteta nago, eta seguruenera hemendik aurrera inoiz ez dut janaririk hartuko. Ulertzekoa da, gainera: krokodiloaren barrualde guztia betetzen dudanez, aserik daukat beti. Orain urteetan eduki daiteke jaten eman gabe. Beste alde batetik, nitaz asebeterik, normala da bere gorputzeko bizigai-zuku guztiak niri ere helaraztea; gauza bera gertatzen zaie gauean beren gorputz osoa eta forma guztiak haragi-xerra gordinez estalita eduki ondoren, goizeko bainua harturik, mardulago, leunago, gustagarriago eta erakargarriago geratzen diren emakume bandera fin batzuei. Horrela, nire buruaz krokodiloa elikatuz, neuk ere janaria jasotzen dut harengandik ordainez; eta elkar elikatzen dugu, horrela. Baina, krokodilo batentzat ere zaila izango denez ni bezalako gizaki bat digeritzea, bistan dago horrez gainera astun sentitu behar duela urdaila –nahiz eta halakorik ez izan–, eta horra zergatik mugitzen naizen ahal dudan gutxiena, munstroari behar ez den oinazerik ez eragiteko; eta, mugitzeko aukera izanda ere, gizalegeak ez dit uzten horrelakorik egiten. Horixe da oraingo egoera honetan dudan huts bakarra, eta, zentzu alegoriko batean, Timofei Semionitxek arrazoia du hemen nagikerian nagoela dioenean. Baina frogatu beharra dut egonean egonda ere edo, areago, egonean egonda soil-soilik, alda daitekeela gizadiaren zoria. Ideia handi guztiak eta gure egunkari eta aldizkarien norabidea alferkerian zegoen jendeari bururatu zaizkio, zalantzarik gabe; horregatik deitzen zaie kabineteko ideiak, baina zer axola dio hala deitzen bazaie ere! Nik gizarte-sistema oso bat asmatuko dut orain, eta ez duzu sinistu ere egingo zein erraza den! Aski da urrutixeagoko lekuren batean bakartzea, txoko batean edo krokodilo baten barruan, adibidez, begiak ixtea, eta segituan asmatzen duzu paradisu oso bat gizadi osoarentzat. Lehen, hemendik atera zaretenean, hausnartzen hasi naiz eta hiru sistema asmatu ditut dagoeneko, orain laugarrena ari naiz prestatzen. Egia da hasieran dena hankaz gora jarri behar dela; baina krokodiloaren barrutik aise jartzen dira gauzak hankaz gora; areago, krokodiloaren barrutik argiago ere ikusten da, nolabait esateko… Beste alde batetik, ordea, nire egoera honek baditu bere alde txarrak ere; baina gutxiago dira: krokodiloaren barrena heze samarra da, likatsua bezala, eta, horrez gainera, goma-usain pixka bat du, nire iazko eskapaloiena bezalakoa, zehazki. Baina hori da dena; horrez gainera beste akatsik ez du. –Ivan Matveitx –moztu nion–, horiek denak gauza harrigarriak dira, eta kosta egiten zait sinistea. Eta, egiaz ez duzu, egiaz, hemendik aurrera gehiago jateko asmorik? –Zer ergelkeriak kezkatzen zaitu txori-buru arduragabe hori! Nik ideia handiez hitz egiten dizut, eta zuk… Jakin ezazu elikagai aski dudala inguratzen nauen gaua argitzen didaten ideia handiekin. Munstro honen jabe amultsua, nolanahi ere, ados jarri da bere mutter amultsuarekin, eta gaur arratsaldean beren artean erabaki dute goizero-goizero sartuko dutela krokodiloaren ahotik metalezko hodi oker bat, turuta baten moduko gauza bat, hartatik kafea edo salda bat ogi-zopekin xurgatu ahal izan dezadan. Hodi hori eskatua dute dagoeneko hemen inguruan, baina behar ez den luxua iruditzen zait. Mila urte gutxienez bizitzea espero dut, krokodiloak horrenbeste bizi direla egia bada; eta, bide batez, oraintxe gogoratu dut: begira ezazu bihar bertan historia naturalen batean eta jakinaraz iezadazu, zeren baliteke ni oker egotea, krokodiloa beste fosilen batekin nahastuta. Gauza bakar batek kezkatzen nau pixka bat: orain jantzita nagoen bezala, oihalez eta bota luzeekin, garbi dago krokodiloak ezin nauela digeritu. Bizirik nago, gainera, eta, horrexegatik, nire borondate osoaz arbuiatzen dut digeritua izatea, ulertzekoa baita jaten den oro bilakatzen dena bilakatu nahi ez izatea, laidogarriegia irudituko bailitzaidake. Badut beldur bat, ordea: mila urteko epe batean nire lebita, Errusian egina baita tamalez, ustel daitekeela, eta orduan ni, jantzirik gabe geraturik, nire haserre guztiagatik ere, has naitekeela digeritzen; eta egunez inola eta ezergatik utziko ez banio ere, gauez, lotan nagoen bitartean, borondateak gizakiari alde egiten dionean, gerta dakidake patata batek, talo batek edo txahalki puska batek izaten duten zori laidogarri berbera izatea. Ideia horrek amorru bizitan jartzen nau. Arrazoi bakar horrek aski izan beharko luke tarifak aldatzeko eta ingeles ehunen inportazioa bultzatzeko, sendoagoak baitira, eta luzaroago eutsiko baitiote horrenbestez naturaren erasoari, krokodilo baten barrura eroriz gero. Lehenengo aukeran azalduko diot nire ideia hau edozein estatu-gizoni eta baita Petersburgoko gure egunkarietako komentaristei ere. Zabal dezaten. Espero dut ez izatea niregandik hartuko duten ideia bakarra. Aurrez ikusten dut goizero pilatuko direla samaldaka nire inguruan, beren erredakzioek ordaindutako errublo laurdenarekin, bezperako telegramei buruz dudan iritzia jasotzeko prest. Labur-labur esateko, arrosa-kolorekoa agertzen zait etorkizuna. “Kalentura, kalentura!” esaten nuen marmarka nire baitarako. –Baina askatasuna, adiskidea? –esan nion, bere iritzia ongi ezagutzeko–. Zeren kartzelan baitzaude, nolabait esateko, eta askatasunaz gozatzeak izan behar du gizaki ororen helburua. –Zu ergela zara –erantzun zidan–. Jende basatiari independentzia gustatzen zaio, jende jakintsuak ordena nahi du, eta ordenarik gabe… –Ivan Matveitx, barkatu, mesedez! –Isildu eta entzun! –egin zidan garrasi, moztu niolako haserre–. Inoiz ez naiz orain bezala goratu espirituz. Nire aterpe estu honetan gauza batek baizik ez nau beldurtzen: aldizkari potoloetako literatura-kritikariek eta gure egunkari satirikoen iseka-txistuek. Beldur naiz bisitari buru-arinek, ergelek eta bekaiztiek eta, oro har, nihilistek ez ote nauten barregarri utziko. Baina hartuko ditut nire neurriak. Irrikatan nago bihar ikusleen erantzuna ezagutzeko, egunkarien iritzia batez ere. Ekarri bihar bertan egunkariek diotenaren berri. –Oso ongi; egunkari pila bat ekarriko dut bihar bertan. –Bihar goizegi izango da oraindik egunkarien iritziak itxaroteko, iragarkiak laugarren egunean baizik ez dira agertzen eta. Baina, gaurtik aurrera, etorri arratsero patioko sarreratik sartuz. Zu idazkari gisa hartzeko asmoa dut. Egunkariak eta aldizkariak irakurriko dizkidazu eta nik nire gogoetak diktatu eta mandatuak emango dizkizut. Telegramak ez ahaztu, batez ere. Europatik iritsitako telegrama guztiak egunero hemen egon daitezen. Baina aski da; logalea izango duzu dagoeneko, seguru. Zoaz etxera eta ez pentsatu kritikari buruz esan dizudanaz: ez dit beldurrik ematen, bera ere egoera kritikoan dago-eta. Aski da jakintsua eta onbidetsua izatea, eta zalantzarik ez dago zutoi baten gainean jarriko zaituztela. Sokrates ez banaiz, Diogenes izango naiz, edo biak batera, eta horixe izango dut etorkizunean gizadiarekiko eginkizuna. Horrelako modu funsgabe eta gogaikarrian (kalenturak eraginda, egia esan) prestatzen zen Ivan Matveitx bere iritziak nire aurrean azaltzera, esaera zaharrak dioen bezala, sekretu bat gordetzeko gauza ez diren ganora gutxiko emakume horien antzera. Krokodiloari buruz jakinarazi zizkidan gauzak oso susmagarriak iruditzen zitzaizkidan, gainera, guztiak. Zeren, nola liteke krokodiloa barrutik erabat hutsik egotea? Apustu egingo nuke honetan harrokeriaz ari zela eta ni apaltzeko asmoz ere bai, partez. Egia da gaixorik zegoela eta gaixoei ez zaiela kontra egin behar; baina ez nau lotsatzen aitortzeak Ivan Matveitx inoiz ezin izan dudala onez eraman. Haurtzarotik hasita, nire bizitza guztian libratu nahi izan dut harengandik eta ezin izan dut haren zaindaritzapetik alde egin. Mila bider nahi izan dut harengandik modu txarrean aldendu, eta beti eraman izan nau zerbaitek berriro harengana, oraindik ere hari zerbait frogatzeko eta mendekuren bat hartzeko itxaropenen bat banu bezala. Ondo gauza bitxia adiskidetasuna! Biribilki esan dezaket nirea aiherkundez egina zela hamarretik bederatzi. Oraingo honetan, ordea, sentimendu handiz agurtu ginen elkarrengandik. –Zure laguna oso gizon buruduna –esan zidan surmurka alemanak, alde egiterakoan nireganaturik; denbora guztian arreta handiz egon zitzaigun gure solasa entzuten. –À propos12 –esan nion–, ez ahazteko, zenbat eskatuko zenuke zure krokodiloagatik, norbaitek erosi nahiko balizu? Ivan Matveitx, galdera entzunik, jakin-minez geratu zen erantzunaren zain. Bistan zegoen ez zitzaiokeela gustatuko alemanak gutxi eskatzea; nahiko era bitxian leundu zuen eztarria, behintzat, nire galdera entzunda. Hasieran alemanak ez zuen entzun ere egin nahi; haserretu eta guzti egin zen. –Ez ausartu inor nire krokodiloa erosten! –egin zuen oihu amorruz eta karramarro egosi bat bezalaxe gorritu zen–. Ni ez nahi krokodilo saldu. Milioi bat taler ere ez hartuko krokodilogatik. Gaur ehun eta hogeita hamar taler hartu publikumak eman, bihar hamar mila taler kobratu, eta gero ehun mila taler kobratuko egunero sarrerak. Ez nahi krokodilo saldu! Ivan Matveitxek barretxo bat eta guzti egin zuen hark ematen zion pozagatik. Gogo txarrez, hotz eta zuhurtziaz –zeren lagun baten egiazko betebeharra ari bainintzen betetzen – aleman zentzugabeari aditzera eman nion bere kalkulu haiek ez zirela guztiz zehatzak, zeren egunero ehun mila errublo irabazten baldin bazituen, laugarren egunerako Petersburgo osoa igaroa izango baitzen handik eta gero nori kobraturik ez baitzen izango, eta bizitza eta heriotza jainkoaren eskuan daudela eta krokodiloa leher zitekeela gauzaren baten edo bestearengatik eta Ivan Matveitx gaixotu eta hil zitekeela eta abar eta abar. Alemana pentsatzen aritu zen. –Botikatik tantak ekarri eta emango –esan zuen, erabakita–, eta zure laguna ez hilko. –Tantak, ongi da –esan nion–, baina ez ahaztu has daitekeela auzi bat. Ivan Matveitxen emazteak eska dezake bere legezko senarra itzultzea. Zuk aberastu egin nahi duzu, baina pentsatu al duzu Elena Ivanovnari errentaren bat izendatzerik? –Ez, ez pentsatu! –erantzun zidan alemanak zalantzarik gabe eta gogor. –Ez, ez pentsatu! –berretsi zuen mutterrak, are amorruz. –Orduan, ez al da hobe zuretzat orain kolpe batez zerbait hartzea, asko-asko ez baina bai seguru eta finkoa, zoriaz fidatzea baino? Esan behar dizut, gainera, ez dizudala galdetzen jakiteko gogo hutsagatik. Alemanak mutterrari heldu eta harekin urrundu zen, bildumako tximino guztietan handien eta itsusienaren kaiola zegoen txokoan biek hitz egiteko. –Orain ikusiko duzu! –esan zidan Ivan Matveitxek. Niri dagokidanez, irrikatan nengoen une horretan, lehenik eta behin alemanari jipoi bat emateko, bigarren, mutterrari are jipoi handiagoa emateko, eta hirugarrenik, Ivan Matveitxi inon den jipoirik handiena emateko, bere harrokeria mugagabeagatik. Baina horrek guztiak ez zuen inolako garrantzirik aleman diru-gosearen erantzunaren aldean. Bere mutterrarekin nahikoa hitz egin ondoren, berrogeita hamar mila errublo eskatu zituen bere krokodiloarengatik, Estatuaren zorretako obligazioetan, zozketarekin, gehi harrizko etxe bat Gorokhovaia kalean, bere botikarekin, eta, horrekin batera, errusiar koronelaren maila. –Ikusten! –egin zuen oihu, garaipenez, Ivan Matveitxek–, bai nik esan! Koronela izendatzeko zentzugabeko azkeneko eskakizun hori kenduta, arrazoi oso-osoa du, oso ongi ohartzen baita zer balio duen orain erakusten ari den piztia honek. Ekonomiaren printzipioa beste ororen aurretik! –Barkatu! –garrasi egin nion alemanari sutan piztuta–, zer dela-eta izendatu behar zaituzte koronel? Zer balentria egin duzu, zer zerbitzu bete duzu, zer aintza militar merezi izan duzu? Ez al zara, bada, burugabe hutsa, honen guztiaren ondoren? –Burugabea! –esan zuen alemanak garrasika, mindurik–, ez, oso gizon buruduna ni, eta zu eroa! Nik merezi koronel, zeren krokodilo erakusten, barruan hofrath13 bizirik dagola, eta erruziarrek ezin erakutsi krokodilo barruan hofrath bizirik dagola! Ni oso gizon buruduna, eta koronel izan nahi dut asko! –Agur, bada, Ivan Matveitx! –egin nion oihu, amorruak dardaratan, eta ia lasterka atera nintzen krokodiloarenetik. Beste minutu bat, eta neure buruari ezin eutsiko niola sentitzen nuen. Bi ergel haien itxaropen zentzurik gabeak ezin eramanezkoak ziren. Haize hotzak freskatu ninduen eta haserrea zertxobait baretu zidan. Azkenean, alde batera eta bestera hamabosten bat aldiz tu egin ondoren, zalgurdi bat hartu nuen, etxera joan nintzen, erantzi eta ohe gainean etzan nintzen. Haren idazkari bihurtzea zen amorragarriena. Zaude han, hiltzeraino aspertuta arratsero, egiazko lagun baten betebeharrak betetzen! Neure buruari jipoi bat emateko prest nengoen, eta, horixe, kandela itzali eta mantaz estali ondoren, ukabilkadaz joka aritu nintzen buruan eta gorputzeko beste leku batzuetan. Horrek zertxobait baretu ninduen eta lo hartu nuen azkenean, nahiko lo sakona, oso nekatuta bainengoen. Tximinoekin ametsetan igaro nuen gau osoa, baina goiz aldera, Elena Ivanovnarekin ere amets egin nuen… IV Tximinoekin, krokodiloarenean armairuan giltzapetuta zeudelako egingo nuen amets, nik uste; baina Elena Ivanovnarena oso bestelako kontua zen. Gauza bat esango dut, hasteko: dama hura maite nuen; baina albait lasterren esango dut —albait lasterren esan ere– oker uler ez dadin: aita batek bezala maite nuen, ez gehiago ez gutxiago. Ondorio hori ateratzen dut askotan gertatzen zitzaidalako hari bere burutxoan edo masaila arrosa-kolorekoetan musu emateko ezin eutsizko gogoa sentitzea. Eta gogo hori betetzera inoiz irisi ez banintzen ere, aitortu beharra du ez niokeela uko egingo ezpainetan ere musu emateari. Eta ez ezpainetan soilik, baizik eta baita irribarre egiten zuenean beti ere perlatxo berdin-berdinezko ilara bat balira bezala hain xarmagarri agertzen zitzaizkion hortz txikitxo haietan ere. Oso-oso maiz egiten zuen irribarre. Ivan Matveitxek “nire tuntun maitea” deitzen zion bere maitasun-adierazpenezko aldietan; deitura guztiz zehatza eta bereizgarria, hain zuzen. Bonboi-emakumea, horixe zen. Horregatik, ez dut batere ulertzen nola bururatu zitzaion orain Ivan Matveitxi berari bere emaztea gure errusiar Eugenia Tour baten moduan imajinatzea. Nolanahi dela ere, tximinoak kanpoan utzita, guztiz sentipen atseginena utzi zidan, eta, goizeko tea hartu bitartean buruan bezperako gertaera guztiak berrikustean, berehalaxe Elena Ivanovnaren etxean sartu-irten bat egitea erabaki nuen, lanerako bidean, egin beharra baineukan, gainera, etxeko adiskidea nintzenez. Logela ondoko gelatxo ñimiño batean hartu ninduen Elena Ivanovnak –egongela txikia deitzen zioten, nahiz eta egongela handia ere txikia zuten–, tea hartzeko mahaitxo baten aurrean sofatxo dotore batean eserita goizeko jantzi erdi-gardenez jantzita, katilutxo ñimiño batetik kafea hartuz, galletatxo ñimiño bat hartan bustiz. Liluratzeko ederra zegoen, baina bere gogoetetan baitaratuta ote zegoen iruditu zitzaidan. –A, zu zinen, maltzur hori! –irribarre arretagabe batez hartu ninduen–; eser zaitez, buru-arin hori, edan kafe bat. Tira, zer egin zenuen bart gauean? Mozorro-dantzara joan zinen? –Zer, zu izan zinen? Ni ez naiz joatean… bart arratsean gure presoari bisita egitera joan nintzen, gainera… Hasperen egin eta gizalegeak agintzen zuen aurpegia jarri nuen kafea hartzean. –Nor? Zein preso? A, bai! Gaixoa! Eta nola dago, aspertzen da? Badakizu… gauza bat galdetu nahi nizuke… Orain dibortzioa eska dezaket, ezta? –Dibortzioa! –esan nion oihu eginez, biziki haserretura, eta gutxirengatik ez nuen isuri kafea. “Beltzaran koskorraren kontua duk hau!” –pentsatu nuen amorraturik nire baitarako. Zeren bazen beltzarantxo bibotetxodun bat, eraikuntzako bulegoan lan egiten zuena, sarritxotan bisita egiten ziena eta Elena Ivanovnari barre eragiten bereziki trebea zena. Aitortu beharra dut gorroto niola, eta zalantzarik ez zegoen bezperan Elena Ivanovnarekin topatzeko moldatu zela, mozorro-dantzan edo hementxe, beharbada, eta ergelkeria pila bat esan ziola! –Baina… –hasi zen botatzen kolpetik Elena Ivanovna, nonbait ikasia balu bezala–, krokodiloaren barruan geratu behar al du orain, beharbada bere bizitza guztian berriro itzuli gabe, eta ni hemen haren zain? Senarrak etxean bizi behar du, eta ez krokodilo baten barruan… –Gertatu dena ezin aurreikusia zen, ordea –hasi nintzen, guztiz naturala zen urduritasun batez. –A, ez, ez hasi hitz egiten, ez dut nahi, ez dut nahi! –egin zuen garrasi, bat-batean erabat haserreturik–. Zu beti nire kontra, gaizto hori! Zurekin ez dago ezer egiterik, ez duzu aholku bat ematen! Pertsona arrotzek ere esaten didate dibortzioa emango didatela, Ivan Matveitxek orain soldatarik jasoko ez duelako. –Elena Ivanovna! Zuregandik entzun behar hori? –esan nion oihuz, doinu erdiragarri batez–. Zein izan da horrelakorik esan dizun pertsona zitala! Gainera, dibortzioa ezin da inola ere lortu soldata bezalako arrazoi hutsal batengatik. Eta Ivan Matveitx gaixoa, gaixoa halakoa, munstroaren erraietan egonda ere, zuregatik maitasunez sutan dagoela. Areago, azukre-koskor bat bezalaxe ari da urtzen maitasunaren maitasunez. Bart gauean, adibidez, zu mozorro-dantzan jostatzen ari zinen bitartean, berak aipatu zuen, besterik ezin bazen, bazitekeela zu, legezko emaztea zarenez, krokodiloaren barrura, barren-barrenera, bere ondora eramatea erabakitzea, birentzat ez ezik, hirurentzat ere aski leku badagoela kontuan harturik, batez ere. Eta, ondoren, bezperan Ivan Matveitxekin izandako solasaren zati interesgarri hura guztia kontatu nion segidan. –Nola, nola! –egin zuen oihu, txunditurik–. Neu ere Ivan Matveitxekin hara barrura sartzea nahi duzu? Bururatzea ere! Eta nola sartu behar dut, kapela eta krinolina eta guzti? Hori burugabekeria, jaunak! Zer itxura izango nuke nik han sartuta, norbait begira baldin badago batez ere, mesedez… Barregarria da! Eta zer jan han?… eta… eta… nola moldatu… ai, Jaungoikoa, zer asmatu duten hauek!… Eta zer entretenimendu izango da han?… Barruan goma-usaina dagoela diozu? Eta zerbaitengatik haserretzen bagara, zer, ondoan geratu beharko nuke hala ere? Puah!, bai nazkagarria! –Ados nago, ados nago arrazoi horiekin guztiekin, Elena Ivanovna maite hori –moztu nion, arrazoia bere alde duela sentitzen duenean betiere gizonaz jabetzen den suhartasun ulergarri horretaz nire arrazoiak adierazten ahaleginduz–, baina honetan guztian bada aintzat hartu ez duzun gauza bat; ez duzu aintzat hartu, hara joatera gonbidatzen zaituenez, ezinezkoa zaiola, horrenbestez, zu gabe bizitzea; horrek erakusten dizu bere maitasun kartsu, leial, saiatua… Maitasuna ez duzu aintzat hartu, Elena Ivanovna maitea, maitasuna! –Ez dut nahi, ez dut nahi, ez dut ezer entzun nahi! –bota zuen, bere eskutxo politak, arrosa-koloreko azkazal zepilatu berriak distiraz zituela, astinduz–. Nazkagarria! Negar eragingo didazu oraindik. Sar zaitez zeu, atsegin baduzu. Laguna ez zara, bada; zoaz haren ondora, adiskidetasunagatik, eta bizitza guztia izango duzue zientzia aspergarri horretaz eztabaidan aritzeko… –Ez duzu hipotesi horretaz zertan barre eginik –moztu nion, serio, emakume kaskarin hari–, Ivan Matveitxek egin dit dagoeneko berekin elkartzeko gonbita. Zu, jakina, zure betebeharrak eraman beharko zintuzke hara; ni eskuzabaltasunak baizik ez; baina krokodiloaren harrigarrizko malgutasunaz hitz egiten ari zitzaidala, oso garbi eman zidan aditzera ezen ez zuek biak bakarrik, baizik eta baita neu ere, etxeko adiskidea naizen aldetik, koka nintekeela zuekin batera, hirurak batera, nik hala nahi izanez gero, noski, eta horregatik… –Nola hirurak batera? –egin zuen garrasi Elena Ivanovnak, txundituta begiratzen zidalarik. Orduan gu… elkarrekin egongo ginateke hirurak batera? Ja, ja, ja! Bai ergelak zaretela zuek biak! Ja, ja, ja! Denbora guztian zimikoka arituko nintzaizuke, gaizto hori, ja, ja, ja! Eta, sofaren bizkarraren kontra etzanik, malkoak isurtzeraino hasi zen algaraka. Hura dena, malkoak zein barrea, hain zen xarmagarria non ezin izan bainion eutsi neure buruari, eta suharki hasi nintzaion eskutxoetan musu ematen, eta hark ez zidan aurka egin, nahiz eta belarritik arinki tira egin, adiskidetze-seinale gisa. Gero alaiago sentitu ginen biak, eta zehazki azaldu nizkion bezperan Ivan Matveitxek adierazitako plan guztiak. Arratsero saloia zabalik eduki eta bigirak egiteko ideia asko gustatu zitzaion. –Baina jantzi berri asko beharko ditut –ohartarazi zidan–; eta horretarako bere soldatatik ahalik eta diru kopururik handiena eta ahalik eta lasterren bidali beharko dit Ivan Matveitxek… Baina… baina… –jarraitu zuen pentsakor–, nola ekarri hona bere askan? Barregarria izango da. Ez dut nahi nire senarra aska batean erabiltzerik. Lotsatu egingo nintzateke gonbidatuen aurrean… Ez dut nahi, ez, ez dut nahi. –Eta, bide batez, ahaztu baino lehen, bart gauean Timofei Semionitx bisitatzera etorri zitzaizun? –Bai, etorri zen; kontsolatzera etorri zen, eta pentsatzen ahal duzu, kartetara jolasten aritu ginen denbora guztian. Berak gozokiak jokatzen zituen eta, nik galtzen banuen, eskuan muin ematen zidan. Hura pikaroa; pentsa, ia-ia joan zen nirekin mozorro-dantzara. Benetan! –Beroaldia! –oharpena egin nuen–, nor ez litzateke liluratuko zurekin, seduzitzaile horrekin! –Hasi zara zu, zure konplimenduekin! Zaude, zimiko bat egingo dizut agurtzeko. Zimikoak ezin hobeto ematen ikasi dut. Zer moduz honela! Eta, bide batez, esadazu, Ivan Matveitxek asko hitz egin zizun bart gauean niri buruz? –Ezzz, ez asko-asko… Aitortuko dizut, une honetan gizadi osoaren zoriaz ari da pentsatzen batez ere, eta nahi du… –Ba, hor konpon! Horrekin aski dut! Aspergarria da, seguru. Bisitaren bat egin beharko diot. Bihar joango naiz, hutsik egin gabe. Baina gaur ez; buruko mina dut, eta hainbeste ikusle izango ditu, gainera… Emaztea naizela esango dute, lotsatu egingo naute… Agur. Gaur arratsaldean… joango zara? –Joango naiz, jakina. Joateko eta egunkariak eramateko esan zidan. –Oso ongi, beraz. Zoaz eta irakur iezazkiozu. Eta ni ikustera etorri beharrik ez duzu. Ez nago ongi-ongi, eta baliteke bisitaren bat egitera joatea ere. Agur, bada, maltzur hori. “Beltzarana etortzekoa izango du, nonbait, gaur arratsaldean" –pentsatu nuen. Bulegoan, jakina, ez nuen aditzera eman nolako kezkek eta nekeek jaten ninduten barrutik. Berehala ohartu nintzen, ordea, gure egunkaririk progresistenetako batzuk bereziki bizkor aldatzen zirela eskutik eskura goiz hartan nire lankideen artean eta aurpegiera guztiz serioz irakurtzen zituztela. Lehendabizi iritsi zitzaidana “Orria” izan zen, joera jakin zehatzik gabeko egunkaritxoa, humanista soil-soilik, oro har hartuta, eta horrexegatik mespretxuz hartzen genuena, baina irakurri egiten genuena hala ere. Hona zer irakurri nuen, harridura puska batez: “Atzo guztiz zurrumurru bitxiak zabaldu ziren eraikin bikainez apaindutako gure hiriburu zabal honetan. N. jauna, goi mailako gizarteko gourmet ezaguna, Borelen eta …-ko klubeko sukaldeaz asperturik seguru asko, Passageko eraikinera joan zen, hiriburura ekarri berria duten krokodilo erraldoi bat erakusten zuten tokira, eta bazkaltzeko presta ziezaioten eskatu zuen. Jabearekin tratua eginik, hantxe bertan hasi zen bizirik jaten (ez jabea, jakina, aleman guztiz baketsu eta arretatsu bat, haren krokodiloa baizik) bere labanatxoaz zati zukutsuak ebaki eta laster bai laster irentsiz. Poliki-poliki krokodilo osoa desagertu zen gizenkote haren erraietan, eta hala ere prest zegoen ikneumon14 bat, krokodiloaren ohiko laguna izan ohi dena, jateko, hura ere bestea bezain dasta onekoa izango zelakoan. Gu ez gaude inola ere produktu berri horren kontra, aspaldidanik baita famatua atzerriko gourmeten artean. Hain zuzen ere, lehendik ere iragarria genuen guk hau gertatu behar zuela. Ingeles lordek eta bidaiariek saldoka harrapatzen dituzte krokodiloak Egipton eta xerratan jaten dute munstroaren bizkarra, ziapez, tipulaz eta patataz lagundurik. Frantsesek, Lessepsekin hara iritsi direlarik, nahiago izaten dituzte hankak brasatan erreta; egin, ingelesak amorrarazteko egiten dute hori, eta haiek barre egiten diete. Gurean batera zein bestera estimatuko lirateke, seguru asko. Gure aldetik, asko pozten gaitu industriaren adar berri honek, horren behar-beharrean baitzegoen gure aberri indartsu eta askotarikoa. Petersburgoko gourmetaren urdailean desagertutako lehenengo krokodilo horren ondoren, ehunka ekarriko dituzte, seguru, urtea baino lehen. Eta zergatik ez aklimatatu krokodiloa hemen, Errusian? Neva ibaiko ura beste lurraldeetako piztia interesgarri horientzat hotzegia baldin bada, hiriburuan badira urmaelak eta hiriaz kanpo badira ibaiak eta aintzirak. Zergatik ez hazi krokodiloak Pargolovo-n, adibidez, edo Pavlovsk-en, edo Moskun Presnensky urmaeletan eta Samotiok-en? Gure gourmetak janari atsegin eta osasungarri batez hornituz gainera, urmael horien inguruan pasieran ibiltzen diren andreen entretenigarri eta haien haurrentzat izadi-jakintzako ikasgai izango lirateke. Krokodiloen larruaz kutxatilak, maletak, toxak eta diru-zorroak egin litezke, eta baliteke merkatariek bereziki estimatzen dituzten mila errubloko errusiar billete krakatsu horietako bat baino gehiago pausatzea krokodilo-larru tartean. Gai interesgarri honetara behin baino gehiagotan itzuliko garela espero dugu”. Era honetako zerbait espero nuen arren, abailduta utzi ninduen hala ere berriaren funts eskasak. Nire iritzia norekin partekatu ez jakinik, nire aurrean eserita zegoen Prokhor Savitxengana jo nuen, eta aspalditik begira nuela erreparatu nuen, eta eskuetan “Ilea" zuela, niri uzteko prestatuta baleuka bezala. Hitzik esan gabe nire eskuetatik “Orria” hartu eta “Ilea” ematen zidan bitartean, azkazalaz gogor azpimarratu zuen seguru asko errepararazi nahi zidan artikulua. Prokhor Savitx hori oso gizon bitxia zen: mutil zahar isila, gutako inorekin ez zuen inolako tratu esturik, eta ia inorekin ez zuen hitz egiten bulegoan, beti zuen bere iritzi berezia gauza guztiei buruz, baina ez zuen nahi izaten inorekin partekatu. Bakarrik bizi zen. Gutako ia inor ez zen inoiz haren etxean egon. Hona zer irakurri nuen “Ilea”-n, esandako lekuan: Denek dakite progresistak eta humanitarioak garela eta gai honetan Europaren bidetik nahi dugula joan. Hala ere, ordea, gure neke guztiak eta gure egunkariaren ahaleginak gora behera, urruti gaude oraindik “heldutasunetik”, atzo Passagean gertatutako eta guk aurrez iragarrita geneukan gertaera lotsagarriak erakusten duen bezala. Atzerriko jabe bat etorri da hiriburura eta krokodilo bat ekarri du berekin, eta Passagean erakusten hasi da. Gu segituan presakatu ginen gure industriaren adar berri hori, gure aberri indartsu eta askotarikoak hain behar-beharrezkoa duena, agertu izana ospatzera. Horretan, ordea, atzo arratsaldean, lau eta erdiak inguru horretan, non agertu den atzerritar jabearen dendan gizon bereziki gizen bat, mozkorra inondik ere, ordaindu du bere sarrera eta segidan, aurretiko abisurik gabe, krokodiloaren ahoan sartu da; hark, uste izatekoa zen bezala, irentsi beste erremediorik ez zuen izan, bizitzeko senagatik besterik ez bazen ere, eztarrian trabatuta gera ez zekion. Krokodiloaren barruan murgildu bezain laster, ezezagunak lo hartu zuen. Ez atzerritar jabearen oihuek ez bere familiartekoen garrasiek, ez poliziari deitzeko mehatxuek ez zioten ikararik txikiena ere eragin. Krokodiloaren barrutik algarak eta zume-zigorra erabiliko zuelako promesa (sic!) baizik ez zen entzuten, eta ugaztun gaixoak, horrenbesteko puskatzarra irenstera beharturik, alfer-alferrik isurtzen zituen malkoak. Bisitari gogaikarria okerragoa da tartariarra baino, esan ohi den bezala, baina atsotitza gorabehera, bisitari lotsagabeak ez zuen irten nahi. Ez dakigu nola esplikatu gure heldugabetasuna frogatzen duten eta atzerritarren aurrean lotsagarri uzten gaituzten gertaera basatiok. Errusiarren izaeraren ausarkeriak ederki aurkitu du zertan enplegatu. Galdetu daiteke, zer nahi ote zuen inork gonbidatu gabeko bisitari horrek? Ostataleku bero eta eroso bat? Baina hiriburu honetan badira hainbat etxe, eder askoak, etxebizitza ondo merkeak eta erosoak dituztenak, ura Neva ibaitik jasotzen dutenak eta eskaileretan gas-argia dutenak eta askotan atezaina eta guzti dutenak, jabeak ordainduta. Etxeko abere batekiko tratu horren basakeriara erakarri nahi dugu orobat gure irakurleen arreta: kanpoko krokodilo batentzat nekeza da, uste izatekoa den bezala, halako masa handi bat kolpetik digeritzea, eta orain han datza, mendi bat bezala puztuta, ezin eramanezko sufrikariotan heriotza noiz iritsiko zaion. Europan Justiziak aspaldidanik pertsegitzen ditu etxeko abereei tratu ankerra ematen dietenak. Guk, berriz, europar argiteria, europar espaloiak, europar erara eraikitako etxeak izan arren, denbora luzea beharko dugu oraindik gure aurreiritzi ezkutuak baztertzeko. Etxeak berriak, baina aurreiritziak zaharrak. Eta etxeak berak ere ez dira berriak, eskailerak behintzat ez. Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu gure egunkari honetan Peterburgskaia aldean, Lukianov merkatariaren etxean, ustelduta daudela zurezko eskaileraren eskailera-mailak, eta dagoeneko aspaldi arriskua dutela Afimia Skapidarova, etxe hartan enplegatzen den soldadu baten emaztearentzat, askotan behartzen baita eskailera haietatik igotzera ura edo egur-besadak garraiatuz. Gure iragarpenak egia bihurtu dira azkenean: bart arratseko zortziak eta erdietan, Afimia Skapidarova, soldaduaren emaztea, zopa-ontzi bat zeramala erori, eta hanka hautsi zuen. Ez dakigu Lukianovek oraingoan eskailera hori konponduko ote duen; errusiarra berandu erabaki zalea da, baina errusiar “hurrengoan beharbada” horren biktima ospitalera eraman dute dagoeneko. Orobat, ez gara aspertuko esanez kale-garbitzaileek Viborgskaia-ko aldean zurezko espaloietako zikinkeria garbitzen dutenean ez dituztela zikindu behar handik igarotzen diren ibiltarien oinak, baizik eta pilatxoetan bildu behar dutela zaborra, Europan botak garbitzeko tokien ondoan egiten duten bezala… eta abar, eta abar”. –Zer da hau, ordea –esan nuen, Prokhor Savitxi nahiko txunditurik begiratuz–, zer esan nahi du honek? –Zer? –Baina, mesedez, Ivan Matveitxez errukitu ordez, krokodiloaz errukitzen dira. –Eta zer? Animalia batez, are ugaztun batez, ere errukitzen gara. Ez gara Europa? Han asko errukitzen dira krokodiloez. Ji, ji, ji! Hori esanik, Prokhor Savitx xelebrea berriro murgildu zen bere paperetan eta ez zuen beste hitz bakar bat ere esan. “Ilea” eta “Orria” patrikan sartu nituen eta, horrez gainera, aurkitu ahal izan nituen “Berriak” eta “Ilea” egunkarien ale zaharrak bildu nituen, arratsaldean Ivan Matveitx distraitzeko, eta arratsalderako denbora luzea geratzen zen arren, behingoz garaiz aurretik atera nintzen bulegotik, Passagean sartu-irten bat egiteko eta, urrutitik bazen ere, han zer gertatzen zen ikusteko eta iritziak eta esaten zirenak entzuteko. Ustez jendetza handi samarra izango zelakoan, longainaren lepoa osorik jaso nuen, lotsa pixka bat nuelako; ez baikaude batere ohituta jendartean ezagutuak izatera. Baina honelako gertaera berezi eta bakan baten aurrean nire sentipen pertsonal prosaikoak adierazteko eskubiderik ez dudala iruditzen zait. Oharrak [←1] Oi nire Karlchen maitea! Ama, ama, ama! (Jatorrizkoan alemanez). [←2] funtzionario bat osorik (Jatorrizkoan alemanez). [←3] Karltxo gurea! Hil egingo da gure krokodilo maitea! (Jatorrizkoan alemanez). [←4] Nire semetxoa zen, nire semetxo bakarra! (Jatorrizkoan alemanez). [←5] Nire aitak (Jatorrizkoan alemanez). [←6] Nire aitonak (Jatorrizkoan alemanez). [←7] Nire semeak (Jatorrizkoan alemanez). [←8] Berrogeita hamar (Jatorrizkoan alemanez). [←9] Eskerrak! (Jatorrizkoan alemanez). [←10] Apaingarri (Jatorrizkoan frantsesez). [←11] Albiste politikoei buruzko iritzia (Jatorrizkoan frantsesez). [←12] Jatorrizkoan frantsesez: Hortaz ari garenez. [←13] Alemanierazko hitza: funtzionario. [←14] Erdi Aroko usteetan, dragoiaren kidea.
Amaiur 35 urteko gizasemea eta lauzpabost urteko mutiko bikiak hondartzara heldu dira korrika, hilabetetan espresuki debekatuta egon dena eta haurrek inoiz egin ez dutena egiteko plazeraz: hondarrezko gaztelua eraikitzen ari dira elkarrekin. Aurrez ongi planifikatutako eskemari jarraitzen diote: haurretako batek hondar hezea ateratzen du eskuareaz; besteak, palaz, kubo gorri batean bildu eta aitari eramaten dio; aitak, azkenik, eskuz, Erdi Aroko gotorlekuari ematen dio forma. Katean antolatutako ahaleginak emaitza bikainak eman dizkie eta aitak, bereziki harro, txaloak hartuko lituzke gustura. Areago. Egin izan balizkiote bezala, irribarre gozoz saritzen ditu ondotik pasatzean begirada luzatzen duten guztiak. Amaitu duenean, bizkar-zorrotik plastikozko ontzitxo bat atera, barruan dakartzan hur xigortu apurrak jan eta haurretako bati bota dio oinetara. —Urez bete ezak, mesedez —eman dio agindua. Azken ukituak eman nahi dizkio gaztelutzarrari, hatzak bertan busti eta hondarrez egindako paretak ondo zipriztindu, trinkotu daitezen. Bitartean, auto txikiak, playmobilak eta plastikozko zaldiak barreiatu ditu bigarren haurrak. Hunkituta daude hiruak, eta harmonia ederrean hasi dira jolasean, plastikozko biztanlez populatu berri duten parke tematikoaren inguruan. Banderatxoa ere ipini diote, xingoma baten bildukia eta aitak ahoan zerabilen zotza baliatuz. —Onak gara gero! —egin dio bibaka aitak bere buruari, zutik jarri eta erretratu panoramikoa atera duenean. Eta badator itsasgora. Badator etsai suntsitzaile bihozgabetua, erasokor eta tarrapataka. Ezustean harrapatu ditu denak. Olatu aurrelariak zaflada eman dio kaskagorrienari, itsasoari bizkar emanda lurrean eserita zegoen mutikoari. Marruka hasi da bainujantzi barrenak lokaztu dizkionean. Madarikatzen anaia bikia ere, olatu berak, atzeranzkoan, playmobil gladiadorea xixkatu nahi izan diolako. Ziztu batean zutitu dira biak. Datorkienaz jabetuta, zapuztuta, amarengana doaz korrika. Aita ez dago, ordea, etsia berehalakoan hartzeko. —Zatozte hona koldarrak! —Egin die gogor orroka. —Utzi mainak eta defendatu ohorea! Egurra, gizonoook! Bainujantzi luze-zabal hawaiiarra armaduratzat hartu eta pala lagun, gaztelu aurreko hesiari eusten saiatzen da kosta ahala kosta. Gurasoen LP batetik hartutako abestia ekarri du ahora: “Amaiurko gaztelu baltza”, gero eta ozenago, “berrehun gudari, oro sumin”, besoa gora, “zaintzen zaituen zaldun onak”, hankak zabal eta dena emanda... Ui. Emaztea dator, di-da, di-da, pauso motz azkarrean. Shin-chanen ama Misae dirudi. —Erotu egin zaik edo zer demontre! —bota dio eskuak gerrian jarrita, –Zein ote den umeago! Gizona, desarmatuta, bainujantzi luze-zabal hawaiiarra berera ekarri eta haurren bila joan da burumakur. Batere espero ez zuen tokitik galdu du erreinua. TAO Ordainduzko aparkalekuen zaindaria, Hendaiako hondartza aldean ikusten direnen arteko zaharrena, ozpinduta dago, bere praketan ezin kabiturik. Lehenagotik ere arauak zurrun betearazten zituena, inoiz baino zorrotzago ari da hilabeterik emankorrenetan; jo eta su, bizikleta hankartetik atera gabe, isuna hemen eta isuna han, udalari doako minutuak ostu nahi dizkioten lotsagabeen kontra, autoen haizetakoetan paratzen dituzten iragarkiei lehia desleiala eginez. Erretxinduta dabil, erretxinduta dabilenez. Eta temoso gainera, uztailaren lehenaz gero Hyundai beltz bat, matrikula espainola, begiz jo zuenetik. Zonalde bertsuan aparkatzen dio ia beti, itsas ibilbideko marra-tarte preziatuenetan, eta zorioneko papertxorik jarri gabe alde egiten, gogoak ematen dion arte. Zapelatza. Gustura esango lizkioke bi egia, justuki autotik ateratzen ikusiko balu. Ez harrapatzen, ordea. Aspaldidanik ezagutzen ditu mota horretako alprojak. Ministro plantak eginez urruntzen dira, ticket-makinei muzin egin eta betaurreko ilunetatik ere harrokeria dariela, atzerriko matrikula dutelako, bateko eta besteko ogasunak konektatuta ez daudela jakin badakitelako; txarrenean ere, tramitatuko ez den isuna jarriko zaiela egiaztatuta dutelako. Betikoz libratuko direlakoan. Malapartatuak. Baina helduko zaie noizbait sanmartina, alajaina. Eguerdia. Hortxe da Hyundai beltza. TAO paperik gabe, jakina, eta bezperako isuna, eta beste mordo bat ere, bistan utzita. Eguteran imajinatu du jabea, neskaren baten txitxiak biguntzen. Inguru estuan zelatan gelditu delako, lortu du azkenean automobilean bizi seinalerik ikustea. Badoakio korrika. Haren atzetik dabilela burutik pasatu zaizkion guztiak, edo behintzat horien erdiak, botako dizkio ziplo, gidariaren aulkian eserita dagoen gibelandi horri. Burumakurtzea nahi luke. Zein aitzakia zoro jartzen duen aditu, are epelagoak aurpegiratu ahal izateko. Eta hantxe jarri zaio tente, ate ondoan. Harrokeria maskulinoaren ordez, ezpain gorri hipnotizatzaile batzuk agertu zaizkio, ordea, kristalaren bestaldean. Leihotik aterata mintzo zaizkio. “Ui, maitea, zu al zinen atzetik nerabilkiena?”, Marilyn tuntunarena eginez, andere sentsuala. “Badakit ederki dibertitzen zarela nire kontura, baina oporrak bukatu zaizkit eta banoa, guapetón”. Desarmatu egin du. “Zer? Beste ohartxo bat? Emadazu hori ere!”, eta besteekin batera jarri du pilan, txintik atera ez duen eta Luis de Funes dirudien TAO-zaindariari begia kliskatu ondoren. “Oroigarri gisa gordeko ditut”. Udalak ordaindutako hamar minutu behar izan ditu umiliazioa gainditzeko. Berriz ozpintzeko. Begiak zorroztu eta, oraingoan, frantses matrikuladunei haginka egiteko. Nadal-Federer Dandy planta duen gizon mehar lepamotza eta emakume gihartsu betaurrekoduna –bikotea, itxura batean–, palan ari dira hondartzan, itsasbeherak utzi duen zabaldegia aprobetxatuz. Gizona, Eurosport kanaleko tenis partidei begira ikasitako teknikak aplikatzen saiatzen da, erritmoa ezartzen, dotoreziaz aritzen, pilota-kolpeak gozatzen. Emakumeak indarra eta abiadura ditu arma nagusi, eta senak agintzen dion bezala erantzuten dio erasoari, alegia gogor, gizonak baino zakarrago eta baldarrago beti, baina hainbestean. Pilota galtzen duen bakoitzean ikasgaitxoa ondorioztatzen dio gizonak, gomendiozko tonu paternalista pala bera baino hobeto dantzatzen duela: “Horrela errazago asmatuko zenuke”, eskumuturra modu berezian biratuz; “sakean, postura honetan jartzea komeniko litzaizuke”, hankak zabaldu, gorputza gerritik gora kizkurtu eta jauzi txikitxoak emanez, ezker-eskuin; “botea oso aurrean emango balizu, hauxe egokiena”, besoa gorputzetik urrundu eta pala etzanda bezala jarrita... Andrea, isilik, keinurik ere egin gabe. Pilota hark galtzen duen okasioetan ere berdintsu, lezioa eman behar izaten dio emakumeari, baina kasuotan, aginteran: “Jarri atzexeago”, marra zapaldu ote duen galdetuz eta tantoa susmagarri bihurtuz; “Erantzi betaurrekoak”, huts egin badu, kristalaren ispilu-efektuz itsutu delako izan dela iradokiz; “palaren ertzaz ez eman”, amarruetarako tentazioak ekidin behar direla adieraziz... Luze doa partida. Txintik atera gabe jarraitzen badu ere, pazientzia agortzen ari zaio emakumeari. Eten txiki bat eskatu, izerdi patsak lehortu eta etxetik ekarri duen botilari zorrotada bat kentzea otu zaio. Horretarako ere marmarra du gizonak: “Hobe zenuke freskagarriak gerorako utzi”; “jokoan kontzentratu beharko zenuke”, “azukreak gizendu egiten du”... Ufada luze bat bota ostean, zinta zabala kopetan eta pareo motza gerrian itzuli da pistara. Roland Garros finala dirudi orain. “Hamalau izango ez bazina!”, atera dio tantoa saketik. Eta “beti azken hitza eduki nahiko ez bazenu!”, handik gutxira, efektuz. Eta “ondokoak gutxiesteko horrenbesteko lanak hartuko ez bazenitu”, eta “beti zure muturra egin beharko ez balitz”, baldintzazko perpausak binaka erotzen utzita, oraingoan bolean. Eta, “behingoz bake pixka bat emango bazenit!”... Lau dira lau, segidan irabazi dizkion tantoak eta hortxe doakio azken palakada. “To!” esan eta tokitara bidali du tipoa, pilotaren bila. Atzera itzuli denean, urruntzen ikusi du anderea. Zer gertatu den zipitzik ulertu gabe, jolas eremuko hondarrean idatzi dion ohartxoa irakurri du: “Game over”. Erretiroa Azken hogei urteetako oporrak apartamentu berean eman dituen udatiarra hortxe da berriz ere, balkoiko plastikozko besaulkian eserita eta egunkaria magalean, egunero bezala, egun osoan bezala. Orduak emango ditu bertan, orri inprimatuak bibotea lisatzeko edo betaurrekoak sudurrean gora egiteko besterik askatzen ez dituela. Aurretik hasi eta atzeraino irakurriko du, eskaintzen dizkion leihotxo guztiak zorrotz behatuz, atalak ordenan ondo errepasatuz. Eta miatzeko zirrikiturik gelditzen ez zaionean, egunkaria erditik tolestu, alboan utzi eta mahai gaineko nobela mardula hartuko du, John Grishamen azken biblia dirudiena, bista urrutira luzatzea komenigarri izaten den arren, noizik eta behin. Hortxe da emaztea ere, zapia eskuetan, egunero bezala, egun osoan bezala. Bere gain hartuko dituen zeregin guztien artean, kristalak gardentzeak joko dio luzeen, begiratoki zabala eta sukaldeko leihoa bertan ez baleude bezala uzteak. Halako batean balkoira irtengo du berorrek ere, sukaldeko armak barruan utzita, plastikozko bigarren besaulkian esertzera; eta senarrak ondo zimurtutako egunkariko denbora-pasen orria libre baldin badago, hitz gurutzatuen koadroa osatzen saiatuko da, boligrafoa hatz lodien artean hartuta, betebeharren ordainsari gisa. Beharbada, hondartzara joan-etorria egingo dute gero. Edo beharbada, supermerkaturainoko itzulia, afaltzeko jangairen bat erosi eta ezer gutxi gehiago, etxe barruan sumatzen den jarduna kontuan hartuta. Udako egun euritsuetako asperraldia baino gehiago, bizi estiloa dute hauxe. Adinak erretiroa hartzera behartuz geroztikako errutina da gizonaren kasuan. Ezkontzearekin batera bere buruari ezarritako lanen agenda, emaztearen kasuan. Badira bospasei urte, elkarrekin igarotzen dituzten egunak segidan datozela, iganderik edo jaiegunik antzeman gabe, apartekotasunik gabe. Bada bolada luze bat, etxepetik pasatzen diren turisten txankleta hotsengatik ez balitz, opor girorik ere bereiziko ez luketena, udako apartamentura etorriak diren arren. Senar-emazteen krisirik beltzenean daude harrapatuta. Gizonaren lantoki ohia astindu zuen sektore-konbertsioak, beste herri batera aldatu beharrak, alabaren nerabezaro gordinak eta droga arazoak, aitonaren gaixoaldi luzeak, menopausiak edo iragan berri den krisiak lortu ez zutena ekarri die seme-alaben aldegiteak eta erretretak: elkarri zer esatekorik ez edukitzea. Elkarri begiratzeko arrazoien galera. Salbuespenekoa dute gaur balkoian. Urtebetetze-tarta ageri da plastikozko bi besaulkien artean dagoen mahaiaren gainean, erdian kandela bakar bat duela. Zalantzak sortzen dizkio emakumeari, piztu edo ez piztu. Nola laga su eman gabe, horretan baldin badatza postrearen grazia. Baina zertarako piztu, batere gogorik gabe ufatzeko eta berehala itzaltzeko izango bada. Kandela ziztrinaren ordez, bizi berri bati ekiteko adorea dirudi. Oparia Agure karraskaria bere urtebetetze ospakizuna antolatzera behartu dute seme-alabek. Familia elkartzeko aitzakia omen, eta ilobak ikusteko aukera paregabea. Nola esan, alargundu zenetik jasangaitza zaiola jendartea. Nola adierazi, aspaldion seme-alabak berak baino are gogaikarriagoak egiten zaizkiola haien ume setosoak. Nekatu egiten dute, nardatu, bere onetik atera, etxeko zokoak tifoiaren antzera iraultzen dizkiotelako. Pasa dadila albait agudoen eta bakea, dagoeneko ez baitu atzerabiderik. Elkar hartuta, batera heldu zaizkio bisitariak. Zizka-mizkak eta freskagarriak mahaian zituen ordurako, eta behingoagatik libratuko zela uste zuen, baina hantxe atera dizkiote kandelak, haiek paratzeko tartarik erosi ez duen arren. Gorroto ditu ziri ziztrinak. Sekula ez du ohitura konprenitu, ezta emaztea zenak pizten zizkionean ere. Gerra garaiko gabeziak gogorarazten dizkiote. Protestak protesta, ufatu egin behar izan ditu azkenean. Malkotan guritu zaizkio begiak, azken hatsa eman arte ondoan izan behar zuenaz akordatuta. Hunkituta gainerakoak ere, barrenkoia eta zorrotza izan den gizasemeari bihotza deskubritu diotelako. Abagune aproposa galdu gabe, kakofonian kantatzeari utzi eta oparia atera diote: Brita pitxerra, zelofanetan ondo bilduta. Bere gogorrera etorrita, madarikatzen hasi da aitona. Eta gaiztotzen. Zertarako behar ote duen. Iturriko ura filtratzeko dela azaldu dio errainak, sanoago edango duela aurrerantzean. Bere iturriko urak ezer txarrik ez duela, besteak, zer dela-eta bururatu zaien zentzugabekeria horretan dirua xahutzea. Kloro zaporea kenduko diola, semeak. Kartutxoek zer arraio ote duten barruan, agure egoskorrak, eta hilero aldatu beharra nahasmen handia dela, eta garestiegiak direla, eta erabilitakoa zein koloretako ontzitan bota behar ote duen, birziklatzen ote diren, zein txoribururi otu ote zaion. Bere adinean horrelako lanak ematea ere badela marka. Ezetz, demontre. Ez duela erabiliko. Itzultzeko. Esker txarrekoa eta erremediorik gabeko kaskagogorra dela iritzita, espantuka alde egin diote bisitariek. Agureak, berriz, ezin ezkutatu du amorrua, esandakoak esanda ere, pitxerra hantxe utzi baitiote, kaxa, zelofan eta guzti. Ez du bistan nahi. Etxe osoan barreiatu dizkioten txorizo zatiak erratzatu baino lehen, traste zaharren armairura eraman du, eta bakean sentitu da, bederen Gabonak arte behintzat ez zaizkiolako berriz etorriko. Biharamunean, gosaldu berri dela, medikuak eskatutako gernu analisiarekin akordatu da. Baraurik jada ezin egin eta hitzordua atzeratzea otu zaio lehen kolpean. Errieta egingo diote, ordea, pronto txarreko sendagile horrek bereziki, hirugarren hutsa izango litzatekeelako. Eta hara non etorri zaion akordura zorioneko Brita. Trasteen armairutik atera, hanka artean jarri, bertan maskuria hustu eta filtratu dion txizaz analisirako potoa beteta, anbulatoriora jo du korrika. Kloroa garbitzeko gauza baldin bada, bere kafesne-zopen arrastoa ere disimulatuko dion ustean. Mariano Diplomazia handirik ez duen emakumeak aldameneko atea jo dutela sumatu du. Mariano bizi da bertan, urte asko dituen mutilzahar despistatua; erdi gorra delako, mintzalagunaren peskizan aritzen delako edo mundu paralelo batean bizi delako, elkarrizketa xelebretan kateatzen dena. Oin puntetan, atearen albora jo du emakumeak. Txulotxoan jarri du begia. Bikote heldu, ondo jantzi eta irribarretsu bat ikusi du. Jehovaren Lekukoak dira, goizeko bakea urratzera helduak. “Espainola ala frantsesa zara?” ikasi nahi izan du bietako batek, irribarrea are zabalduz, mintzakidea azaldu denean. “Herri honetako akats endemikoa”, pentsatu du emakume barrandariak, “zein hizkuntzan egin behar zaizun jakiteko, zer nazionalitate duzun galdetzea”. Halaxe da. Eta larrutik ordainduko dute... “Umm, zer esango nizuke ba...”, erantzun die Marianok, esaldia berresanarazi eta bost bat segundoko isilaldia pasatzen utzi ostean. “Burgin jaio nintzen orain dela... 78 urte, edo 79... paraje ezin ederragoa, tar-tar-tar”. Irakurri zalea ote den, lekukoetako batek. Baina Marianok ez du azalpenik bukatu: “Oso gazte nintzela Frantziara jo nuen lanera, Okzitaniako Tolosa aldera lehendabizi, haurrak txurroak bezala egiten zituen andre batek hartu ninduen apopilo, tar-tar-tar”. Galderak komunikazio hobea ziurtatzea beste helbururik ez zuela argitu nahi izan dio besteak, baina Marianori bost axola. Utzitako tokitik ekin dio berriz: “Non ginen... bai, handik hainbat urtera, 60ko hamarkadan, basomutilak behar zirela eta, tar-tar-tar”. Jehovaren lekukoak ernegatzen hasi dira. Alderantziz behar lukeela adierazi nahi liokete agure berriketariari, alegia, hark entzun eta haiek mintzatu, baina alfer-alferrik. Bere historiako unerik garrantzitsuenera heltzen ari da Mariano. Korridoreko aulki tolesgarria hartu eta atarian eseri zaie. Akabo. 70eko hamarkadara heldu denean, berriro saiatu da bikotea, gogorrago oraingoan: “Jainkoak dio...”. “Kontu zerutiar asko entzunda nago ni, ez uste”, gailendu zaie berriz bizilaguna, “telefono konpainiarako posteak jartzen aritu nintzen garaian bereziki, Lourdesko gazte bat izan bainuen lankide, lagun fina, hura bai amabirjinaren jarraitzailea, harena bai fedea. Goizean goiz jaiki eta arrosarioa tar-tar-tar”. Dagoeneko ez da irribarrearen arrastorik gelditzen bi lekukoen aurpegietan. Gizonezkoak, besapean dakarren zorroari kremailera ireki eta aldizkari bat atera dio, azken hordagoa jotzeko: “Ez dakit argitalpentxo hau ezagutzen duzun...”. Baina Marianok eskuetan hartzeko imintziorik txikienik ere ez. Horren ordez, goizero liburutegi publikora joaten dela eta egunkari guzti-guztiak errepasatzen dituela esan die. Baita zaharrak ere, antza: “Boitila gizajoa ere hil zen, zera, Aita santua, poloniarra zen hura, tar-tar-tar”. Mendea diruditen minutuen ostean, isildu egin da bat-batean. Adarretatik joan dela konturatu da: “Tira, baina espainola ala frantsesa naizen galdegin didazue. Gizarte segurantzakoak izango zarete zuek, ezta?”. Jehovaren Lekukoak zur, lur eta mutu. Adarra jotzen ari zaielakoan, aldizkariak zorroan jaso, zorroa besapera itzuli eta elkarri keinu isila egin ostean eskaileretan behera jo dute kasik agur esan gabe. Hortxe jarraitzen du Marianok, bikotea ezkaratzetik harago desagertu arte hizketan. Aldameneko emakume barrandariak eskerrak emango lizkioke gustura, uxatu dituelako, bere atea jotzeko gogoa kendu dielako, baina batez ere, aurkezpeneko galdera gogaikarriari erantzun gogaikarria emateaz libratu duelako. Baina atea irekiz gero, latza eroriko litzaioke hari ere. Marrazkia Zazpi urteko neskatoari izugarri gustatzen zaio marraztea. Irudi figuratiboak egiten ditu beti, surrealista samarrak nahi bada, baina identifikagarriak. Esate baterako, soineko luze haizatua zertxobait goratuz, takoidun oinetakoak eta galtzerdi koloretsuak erakusten ari den printzesa ilegorria, atzean jirafa kumea begira duela. Esate baterako, etxe eder eta harmoniatsuak bustitzen dituzten hodei negarti ezpain gorriak, handitik txikira sailkatuta ilaran. Esate baterako, bihotz zoriontsu hegalariak, azenario-soro batean biribilketan, eta eguzkia, zergatik ez badakigu ere, haserre, trumilka… Bai. Sinpleki ederrak. Haren amak esana. Gaur, goizeko nagiak atera orduko egin du bere afizioaren aldarria. Artean pijama eranzteke, margoak eta orri zuriak hartu eta egongelako sofara jo du zuzen, isil-isilik. Hantxe aurkitu du amak, beste askotan bezala, bera baino lehen jaiki dela jabetu denean. Samurki begiratu dio atearen hegitik. Neurriko altzariak aurkitzen ez dituen xinaurria iruditu zaio, berera hain buru-belarri bildua. Bere katilua garbitzen ari dela —zereginei lotzeko karburantea balitz bezala edan du kafe lodia— neskatoa azaldu zaio sukaldean. Sortu duenaz harro dago eta ezagun zaio umorean. Kasik erreberentzia eginez erakutsi ditu “lantxoak” —hala izendatu ohi ditu, ikastolako irakaslearen eraginez—, bereziki hirugarrena, marigorringo arrosaz, pinpirin koloretsuz eta hegazti moko luzez jositako beste biren atzetik heldu dena. “Ui… Bai berezia…”, murmurikatu dio amak bizpahiru segundoren ostean. Denbora irabazteko trikimailua besterik ez da izan. Edo hobeto esan, bistan jarritakoak eragin dion harridura —dezepzioa— ezkutatzeko modu inprobisatua. Betiko parafernaliari segitzen saiatu da. Alegia, hark marrazkia agerian jarri orduko, ikusitakoa komentatzen, irudimena goraipatzen, ahalegina txalotzen; teknika berririk erabili badu, hura ere nabarmentzen dio beti… Ezin izan du. Izan ere, zirriborro urdin single eta baldarra iruditu zaiona erakutsi dio, orri osoa tindatu duen orban homogeneo eta minimalista, batere apaingarririk gabea, hain… laua, hain… soila, hain, hain… geldoa… Ur-putzua margotu nahi izan ote duen otu zaio ama txundituari, eta “arraintxoren bat jarri izan balio sikiera”, larderiatu dio bere kolkorako. Gorroto du ordea, zer den galdetzea. Ez da bere estiloa. Sentsibilitaterik edo psikologiarik gabekoen baliabide merkea dela uste du. Hitzik esan ezinda, ordea, deseroso dago. Haurraren bat-bateko molde aldaketak justifika dezakeelakoan, etsi egin du azkenean, eta itauna luzatu dio: —Itsasoa ote da? —atera zaio tonu neutro samarrean. Begietako dirdira galdu gabe erantzun dio neskatoak, beratasunez, edo errukiz akaso, aurrez aurre duena kilo eta erdiko artaburua dela deskubritu izan balu bezala: —Ez, ama. Artea da. Bero galdua Klimatologo entzutetsuari buruhauste latza sortu zaio. Aspertu arte errepasatu ditu datuak, unibertsitatera sarbideko azterketan notarik gorena atera nahi duen ikasleak nola. Beti oker nabarmenera heltzeko, baina. Eta akatsak berea behar du izan, ezinbestean, bere eragiketen oinarrian dagoen printzipioa fisikako legerik sakratuena baita, inork inoiz inola kolokan jarriko ez lukeena: energia ez da sortzen, ezta suntsitzen ere, transformatu egiten da…. Eta Lurrak, unibertsoko hutsean isolatua dagoen gure planetak, lege ukiezin horren adibide garbia behar luke, eskuartean duen ikerketak ere frogatu beharko lukeenez. Sinplea da ekuazioa: hainbeste energia jasotzen du eguzkitik, beste horrenbeste igorri behar du espaziora, forma aldatuta izango bada ere. Parekatze matematiko horri, hala ere, doitze garrantzitsua egin dio: berotegi efektua (alegia, CO2 isurketaz eragiten dugun desoreka termikoa). Beraz, Lurrak, bere izarretik datorkion energia ken berotegi efektuaren eraginez metatzen zaion kopurua igorri beharko luke espaziora. Hala behar luke, bai... Baina ez. Ez bederen, satelite eta zunden bidez eskuratzen dituen datuen arabera. Batek daki zergatik, 2003az geroztik, urtero, espaziora bidean beharko lukeen bero kantitate izugarri bati arrastoa galtzen dio. Hemen nonbait behar du, gure zeru-lur-itsasoetan ezkutatuta, mozorrotuta... Misterioa. Koitaduari neuronen zirkuitua laburtu zaio. Eta pazientzia. Eta jada ez daki non miatu. Arazo teknologikoa? Tresna neurtzaileak gaizki doituta ote daude? Ezin liteke, ordea. Egiaztapen horiek denak ondotxo eginak ditu. Espazioko zulo beltzen pareko energia zurrupatzaileak ote ditugu Lurrean? Eta hala balitz, non? Ozeano hondoetako arrakala abisaletan? Izan al lezake Lurrak hainbeste energia eta denboran horren luze bahituta edukitzeko biltegirik? Eta noiz arte gordeko du? Azaldu ote liteke bat-batean eta berotegi efektua bikoiztu? Bai?… Arranopola … Emazteak —zeinak, bidenabar esanda, klimatologia enpirikoaz ezer gutxi dakien eta uda izanik, oporrak ondo aprobetxatu nahi lituzkeen— ordenagailuaren aurrean gaupasa eginda aurkitu du ikerlari martirizatua, etxeko ganbaran egokitutako bulegoan. Presio eltzea dirudi, fit eta fut. —Orain ere mundua konpontzen! —bota dio tonu mikatzean, 2003az geroztik sentitzen duen bakardadearen errua aurpegiratu nahiko balio bezala. Kasurik ez, besteak. Nahikoa lan, bere buruari eusten. Dena marru eta zaputza izan da hainbat minutuz, baina gero, gizonarekin berriz ere alferrik ari dela konturatuta eta bere onera etorrita, bakarrizketan hasi da: —Eguraldi kaxkar honekin zer arraio egin dezaket? —galdetu dio aireari, euria zalapartaka ari duela konturatu eta gero. —Errezatu, maitea —erantzun dio ilargian galduta zirudienak, —errezatu… Geurea da-eta Donibane Lohizuneko Gambetta karrikari atarikoa egiten dion kafetegian gosalduz, itzulera prestatzeari ekin dio frantsesez aski ongi moldatzen den turista pareak. Ez dute oporraldi luzea egin, ezta aurreko urtekoa bezain oparoa ere –larrialdia berpiztu litekeen beldurrez–, baina bikaina izan da, inoiz baino hobeto eten eta ahaztu baitituzte eguneroko errutinak. Ezagutzen ez den inguruan barneratzeak, izan ere, horixe bera du bere alde. Bestelako giro, jendarte, etxe, kale nahiz tabernatan ibiltzeak, gainera, hamaika ideia berri inspiratu dizkie pittaka-pittaka zaharberritzen ari diren apartamenturako. Gaur, herrirantz abiatzeko bezpera, zeregin bat eta bera dute, gosaritarako mahaitik altxa orduko burutzeko: Gambetta kalea alderik alde eginez, diru-zorroan gelditu diren sos apurrak gastatu. Kalean behera doazela, erdibidean edo, eliza bazterreko oroigarri-dendaren erakusleihoak harrapatu ditu amuan. Mila gauza bitxi, eta bazter hauetara heldu orduko atentzioa eman zien motiboa ikusi dute bertan, nonahi inprimatuta, zernahi apaintzen duela: txankletak, giltza-eraztunak, lanpasak, arropak, toallak, katiluak, kaierak, erosketarako poltsa tolesgarriak, barruko prakak, aterkiak, peluxeak… Lauki luze gorriaren erdian ikoroski berdea eta horren gainetik gurutze zuria duen bandera-moduko hori… Erakargarria egin zitzaien hasieratik, bereziki bietako bati, baina halaber betegarri samarra… Bere osoan ikur hori den toalla etxerako hartzea pentsatuta, saltzaileari joan zaizkio zuzen. Modu onean dagoela iruditu zaie, eta ezin izan dute ekidin. Mahaian zabal-zabal egin dien orduko, galdetu egin diote, zer esan nahi ote duen, zergatik den ageri toki guztietan. Saltzaileak Euskal Herriaren adierazgarria dela esplikatu die mantso, Espainian eta Frantzian banatuta dagoen lurraldea sinbolizatzen duen sinboloa dela, eta ikurrina duela izena… Etxera biderako egunaren bezperan diren turistak bisigu aspertuaren begiak jartzen dizkiote, esandakoa aski ez eta historia apur bat azaltzera ere animatu den saltzaileari. Aski dutela iritzita, hitza eten dio bietako batek: –Biziki interesgarria, baina izango ote zenuke motibo hauxe bera beste kolore batzuetan? Izan ere, gorri berde zuriak ez dio sobera ongi ematen gure etxeko dekorazio berriari…
Zeru garaia, aratz eta garden. Zelai zabal huntan bakartasunean exerita, belar izpi bat ahoan, urrutietako kukuaren deia dantzut. Nere gaiñetik, haritzondoaren adarren artetik, igesi, haize-balen zurrumurru etenkorra. Balakatu egin nahi bide du ixiltasunak nere bihotzaren zauria. Baiñan Elsa'ren oroitzapen etsia ez da nigan ezabatu, eta ez ezabatuko ere. Hitzaurrea – Elsaren mintzoa Elsa Scheelen lehen testua 1969. urtean eman zuen argitara Hendaian behartuta bizi zen Jose Luis Alvarez Enparantza idazleak –Txillardegi–, nahiz eta kaleratu aurretik “Domingo Agirre” izeneko literatura lehiaketan garaile suertatu zen (1968an). Txillardegiren hirugarren nobela izan zen. Protagonista, Elsa, euskal literaturaren benetako lehen emakume edo hezur-mamizko lehen emakumetzat hartua izan da. Hona hemen aipatu bertsio horren pasarte bat (euskara batua ere sortu aurretiko testua berau): «Irratia anartean berriak ematen hasia zan: «...Viet Nam’en ikaragarrizko inkontrua gertatu da atzo Mekong’eko ibaiartean: 382 vientnamdar gertatu dira hillik; eta, beste aldetik, 17 amerikar. Orain arte ez zan horrelako hilkintzarik ikusi Viet Nam’en egun bakar batean; eta, jakin danez...» Inperialismoa, Vietnamgo gerratea, laizismoa, dibortzioa, sexua, suizidioa, orduan boladan zeuden apaiz langileak eta, batez ere, klase borroka esistentzialaren aipamena agertzen dira lehenbizikoz euskal narrazio luze batean. Gaur egun, bada, orduko orriak berriz irakurrita, baturantz doan euskara batuaren aurreko idazkera sumatzeaz gain, idazkuntza erabat garaikidea antzematen diogu testu osoari. Txillardegik 1961ean alde egin zuen espainiar estatutik haren hirugarren atxiloketaren ondoren, eta, hori zela kausa, Belgikan idatzi zuen eleberria 1967an aurretik berak fundaturiko ETA erakundea utzi eta gero. Idazlearen antzera, Elsa Scheelen bakar bakarrik sentitzen da munduan, eta sentimendu hori agertarazteko izkiriatu omen zuen Txillardegik eleberria. Hizkuntzalaritzaren historiatik begiraturik Elsa Scheelenean Baionako 1964ko euskarari buruzko proposamenei antzematen zaizkio Txillardegik idatzitako narrazio honetan. Kriselu sailean Lur argitaletxeak zabaldu zuen liburua, baina kritika gogorrak eskuratu zituen orduan eta, ondorioz, egilearen hitzetan, nobelagintza uztea erabaki zuen. Euskal letrek ia hogei urte itxaron behar izan zuten Txillardegiren hurrengo eleberria agertu arte (Exkixu 1989). Txillardegiren bigarren nobela zen Peru Leartzakoari eginiko kritikan (EGAN 1960) Mitxelenak zioen: “ni ez naiz aurrerazale atzerazale baizik...” eta, bide batez, testuaren proposamenei begira, edukiari alegia, luzatu zizkien bere juzku negatiboak. Horretan Mitxelenak bi arazo zituen, alde batetik, oso antzerakoa zen Leturiaren egunkaria ezkutua (1957) izenburuko Txillardegiren lehen eleberriaren hitzaurrea Mitxelenak berak idatzi zuela oso modu positiboan eta, beraz, EGANen argitaratutako kritika zorrotz honetan bi protagonisten artean (Leturia eta Peru) zeuden aldeak argitu behar zizkion irakurle arruntari azaltzeko zergatik 1957an Leturiaren alde zegoen, eta 1960an, berriz, oso antzerako ematen zuen Peru horren aurka idazten zuen… Baina Mitxelena saiatu zen eta, ondorioz, bere kritikaren funtsak, literarioa baino gehiago zentsura zirudien. Bestaldetik, eta horretan gehiegi ez nabarmentzeko agian, erabilitako hizkuntza hartu zuen hizpide haren kontra jotzeko: “Txillardegiren euskara ez da, nere ustez, hutsik gabea...” Bide hori izango da, beraz, hortik aurrera Elsa Scheelen kritikatzeko erabilitako formula. Bistan da orduko euskal inteligentziak –apaizak gehienak– ezin zuela Elsa Scheelen eleberriaren edukia onartu baina, halere, haren idazkuntza kritikatuko dute gehien. Horrela, adibidez, Gotzon Garatek (Jakin 1979): “Txillardegiren euskarari ohartxo batzu egitera mugatuko naiz, nahiko akats aurki daiteke Elsa Scheelen elaberrian. Gogoeta ilunetan Txillardegiren euskara bikainki dirdiratzen den bezala, eguneroko euskaran, gauzarik erraxenak esan behar diren unetan, orduantxe hain zuzen ere, irristatzen da eta laprastatzen, esaterako, Elsa sukaldera abiatu zan ur baso bat edatera...” eta abar. Ibon Sarasolak, bere aldetik, Elsa Scheelen elaberriaren egiturari luzatu zizkion bere kritikak (“Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza” 1972 ) baina, hala eta guztiz ere, ezin da ukatu irakurtzeko eskaintzen dizugun eleberri honek, irakurle, euskal literaturaren esparrua astindu eta irauli zuela duela mende erdi bat. Denboraren poderioz, hala edukiaz nola idazkuntzaz ere, Elsa Scheelen testuak hartu du bere tokia. Ander Iturriotzek eginiko iruzkinean (“Elsa Scheelen eta genero gatazka”, Hegats, 49, 2010) aurreko kritika negatibo guztiak ezabatu zituen (edo saiatu zen behintzat), eta neronek ere aipatu aldizkariaren ale bertsuan Txillardegik, eta Elsa Scheelen elaberriak zehazki, euskal literaturari egindako ekarpenaren munta azaltzen ahalegindu nintzen. Horra: “Ch.F. Ramuz suitzarrak zioenaren antzera: «J´aie essayé de me servir d´une lange-geste qui continuât á être celle dont on servait autour de moi, non de la langue-signe qui était dans les livres.» Txillardegiren testu literario guztiek gertuko hizkuntza bezain beste distantziazko ikuspegia eskatzen dute, errealitateaz jabetu ahal izateko, errealitatearekin hausteko eta, finean, errealitatearen balizko ereduak antzemateko... Hizkuntza pertsonal hori estiloa da, eta horrek ez du esan nahi idazteko ohiko zurruntasun akademikoa erabili behar denik, aitzitik, hizkuntzaren erabilera arrunta baztertzea eskatzen du. Ezin da estiloa irakatsi, baina norberaren adierazpideak askatzen saiatu bai. Hori da erronka eta bide bakarra.” Horixe idatzi nuen nik Txillardegi hil aurretik. Orain, bera zendu eta zortzi urte pasa ondoren, berriro diot: Txillardegik zekarren estilo literario berria ez zen aintzakotzat hartua izan Elsa Scheelenen garaian, baina gure sasoi hauetan, aldiz, behar bezala dastatzerik eduki badugu. On egin, beraz, irakurle, eta gozatu Elsaren bizitzaz, hausnarketaz eta mintzoaz. Fito Rodriguez I Brusela'ko Irratiak urrunarazi egin zuen ezari-ezarian «Les Déserteurs» eresia (egunero entzuna!) eta osotara iraungi arte; eta sintoniaren gorunzko notak eman zituen: sol-do-mi-la-re... Elsa'k bere erloju ñimiñoa begiratu zuen: gaueko hamabiak laurden gutxi. «Voici le bulletin météorologique de l'Institut Royal de...» Elsa'k ez zuen ezer besterik entzun. Zer axola zitzaion biharamuneko eguraldia? Leihora zan; eta kristaletako gandua behatzez kenduta, kalera begiratu zuen: iñor ere ez euripean, eta ez autorik inguruetan. Bat bakarrik agiri: Dubois jaunaren «Aronde» urdiña, Molière kaleko erdi illunpe hartan beltza irudiz. 1965-eko Urrillako astearte hartan eten gabe ari eta ari, euri fiña, hotza eta geldia, zuten Bruseldarrek: ia hostorik gabeko zugaitzen azpia tai gabe oldartzen bide zuten ituteetarikako tanto lodiek. Dana blai-blai. Haizerik ez. Hasperen bat jalgi zitzaion Elsa'ri bihotzaren erditik: nun ote zan Luc? Bakardade hura eraman-eziña zitzaion: Luc'en irteerak aspaldi hartan gero eta maizago gertaturik ere, haietara ohitu ez baiña mindu eta mingostu egiten zala nabaitu zuen. Nahitaezko bakardade harekiko gero eta minberago eta sendiberago igartzen bide zuen bere burua. Irratia anartean berriak ematen hasia zan: «...Viet Nam'en ikaragarrizko inkontrua gertatu da atzo Mekong'eko ibaiartean: 382 vietnamdar gertatu dira hillik; eta, beste aldetik, 17 amerikar. Orain arte ez zan horrelako hilkintzarik ikusi Viet Nam'en egun bakar batean; eta, jakin danez...» Elsa'k itzaldu egin zuen irratia. Ez, iñolaz ere, berri horiek mendrenik ere nazkatzen zutelako; edo gezurrezkoak iruditzen zitzaizkiolako. Ez. Horrelakorik ez zitzaion burutik pasa ere. Ez zuen pentsatu, era berean, Viet Nam dala azken urteetako lotsa nagusia eta hilketarik ahalkegarriena. Irratia itzaltzean erakusten zuen lasaikeria ez zitzaion bururatu ere egin. Albistea entzun ere gabe, aldez aurretik gogaituta, nardatuta, berantetsita, itzaldu egin zuen «Philips» zuri hura, eta oheratzea erabaki. Ohera aurretik, halere, maiñu-gelara joan zan, gauero bezela hortzak garbitzekotan; baiña gau hartan, zalantzarik gabe, areago ohiturari jarraituaz egin zuen gogoari jarraituaz baiño: oharkabean ezer garbitu gabe irten baitzan berriz. Luc'ek biharamunean beste galtza pare bat jantzi behar zuela bururatu zitzaion; eta etzan aurretik, alasara joan zan, eta marradun soiñeko arrea hartu zuen, biharamunerako prestatzekotan. Eskuillatzen hasi, eta galtzen atzeko poltsikuan paper soiñu bat nabaitu zuen. Botoia askatu, paper hura zabaldu, eta Luc'ek eskuz idatzitako gutun bat topatu zuen, azalik gabe. Gutuna berriki idatzia zan, zirudienez. Eta, bihotza taupadaka, hau irakurtzen hasi zan: «Gaztetu egin nauzu, Suzanne maitea. Urte askotan zehar senditzen ez nituen barne zorabioak zeuk sendiarazi dizkidazu berriz; zeuk eta zure gorputz paregabeak. Ba nekien nik, edo somatu egiten nuen bederen, Elsa'rekiko nere hartu-emanak hozturik zeudela, hormaturik, hillik. Baiña piskanaka hortaratu bainaiz (baikera biok, nere ustez, nahiz Elsa'k ez ezer aitortu) ez nion nik jaramon haundirik egin, eta ohitu ere egin nintzan apurka. Hogei-ta-hamabost urtetan hozkeria hortan egotea normala iruditzen zitzaidan. «Beharbada gisa da, adin kontu hutsa da», nion nere kolkorako. Urrun da gure ezkonteguna. Pentsa zazu, Suzanne: orain dala zazpi urte ezkondu giñan, Erakusketa Nagusirakoan hain zuzen, 1958-an alegia. Nun dira «milla- ta-bat gau» famatu horiek? Ezkontzerakoan 28 urte nituen nik, eta 21 Elsa'k. Gaur 35 eta 28 ditugu...» Elsa'ren betazpietan ez zegoen malkorik bat ere. Baiña bere begiek beira-diztira bitxia zuten. Lerro batzuk irakurri gabe utzi zituen. Kalean euria beti ari. «...Bi aste dira orain Arlon'en zaudela, eta bi urte joan dirala iruditzen zait alkarrekin egon giñan azken egunetik. Bertan eta urrun ikusten ditut azkeneko zure irudiak. Gogoratzen zera? Zure besarkadak behar ditu nere gorputzak; egunean bost miñutuz bederen behar zaitut... Zure kiñu lizun horiek behar ditut: ez dizut hemen azalduko zein... Ba dakizu'. Zure gorputzaren berotasuna behar dut gauetan, nere atsegiñaren iturri eta atsedentzat. Zergatik ukatuko?...» Hots bat entzun zan eskalleraren aldetik. Azentsorea gora hasi zan. Elsa'k bereala igarri zion Luc izan zitekeala; eta larritu egin zan sekula baiño areago, ez baitzuen «Volvo»aren arrastorik ere entzun. Baiña, harrigarria ote zan bere arima leize hartatik ezer ez entzutea? Guztiz urduri, eta eskuak dardar, tolestu egin zuen azkenean paper madarikatu hura, eta sakela berean sartu. Handik xegundu batzutara Luc'en giltza ateko zerrailluan aditu zan; eta hantxe agertu zitzaion Luc De Potter jauna, bere senarra, ez oso bustirik. Gaueko hamabi t'erdiak ziran. —Gabon —esan zuen Luc'ek. —Zertarako nere zai gaur ere? Berandu etorriko nintzala esan nizun... Eguraldi nazkagarri hau! Beti bat, beti gauza bera, beti euria... Gabardiña zintzilikatu, eta lo-gelaren aldera jo zuen zuzenean. Elsa'ren ondotik pasatzean, ia gauero bezela, hozki muiñ-egin nahi izan zion masaillan, hortarako burua pittin bat baizik ez makurtuz. —Ez —erantzun zion zakarki Elsa'k. —Gaur ez. —Zer duzu? Zergatik gaur ez? —Ezer ez. Oso berandu da: bost ordu dira afaldu dudan ezkeroztik. Eta zure zai huntan gosetu egin naiz, eta umorea arras galdu ere bai. Utz nazazu pakean, beraz. —Ongi da, maitea. Ez zaitut galaziko. Ni neu ere gose naiz. Eta sukaldera joan; eta sagar bat zuritzen eta jaten hasi zan. Gero, txistu ixillari utzi gabe, maiñura joan zan. Elsa bitartean negarra eta malkoak oso nekez idukirik, erantzi eta oheratu egin zan. Luc sukaldetik etorri orduko, Elsa Scheelen begi-nabarra, «De Potter andrea» lege-deituraz, etzanik zegoen, eta ohe-ondoko pantailla itzaldurik. Begiak hetsi bai, baiñak ezin loak har. Logaleak iñundik ez zegoen, noski. Bere bizkarrean Luc'en arnasa pausatua nabaitzen zuen, hauspo gori baten xirrista kiskalgarri baten modura larrua arteka erretzen: bestetan baiño aisa beroago gau lazgarri hartan Elsa'ren ustez. Luc'en zurrungak ere ez ziran luzatu. Senarraren patxara lotsagaldu harek oka egitera bultzatzen zuen emaztea. Ezin zuen hunek aurrerago iduki bere barne-zirrara. Eztarriko oiñazea jasan eziña egin zitzaion; eta, piskanaka, oso piskanaka, ezari-ezarian, eta ahalik eta ixillenik, negarrez hasi zan. Luc'en zurrunga burrunbatsuen artean, tarteetan soillik, Elsa'ren hasperen etsiak entzun zitezkean: izuti eta bakan hastapenean, gero eta maizago etortzen, gero eta nabarmenago entzuten ere bai. Baiña Luc lozorro sakonean zetzan, eta hartatik esna zedin arriskurik ez zegoen... Nor ote zan Suzanne hura? Polita ote zan? Ezkondua ote zan? Luc'ek ez zion sekulan aipatu izen hori. Nolako faltsukeria! Dana ulertu uste zuen Elsa'k bapatean: bere senarraren hoztasuna eta irteera harrigariak, bere biziaren moteltasuna, bere bihotz-nagitasuna, dana. Lehenengo kolpean gorroto bizia sendi zuen Suzanne harekiko; baiña bekaizkeria ez ote zuen ere senditzen Suzanne ez-ezagun harekiko? Ez zekien, ez zuen uste hobe, ez zion horrelakorik bere buruari batez ere aitortu nahi. Baiña bukatu eziñezko gau zorigaiztoko eta euritsu hartan, Elsa'ren bihotza arras nahasia zegoen; eta Suzanne'rekiko sendimendu harrigarri bat nagusitu zitzaion: gorrotoz eta mirespenez mamitua, bildurrez eta begikotasunez batera oratun. Negarraldia bukatu, eta... ordu biak!... Hirurak!... Laurak jo zuten!... Eta Elsa beti esnai. Zer egingo? Ez zekien. Luc'en arnasa ez bere bizkarrean nabaitzeko, ohe ertzeraiño bereraiño joan zan igesi, atzean apo zikin bat etzanda balu bezelaxe: «ohe bakarra biontzako: hau nazka!». Maindireen azpitik zerion usaia lehenengo aldiz sumatu bide zuen gau hartan, eta beroegia eta kiratsa iruditu zitzaion; eta ahal zuen moduan kukutzen zituen tarteak, ezer ez usaitzeko. Ezkonberrietako oroitzapenak zetozkion illaran, alkargainka, kolore bizitan, bata bestearen ondoan, sukar-aldietan bezelaxe... 1958-ko udaberri hartan zoriontasuna siñistu zuen, bihotzean ugari zeramalako beharbada. Luc'ek eta Elsa'k berak Brugge'ko ubideetan zehar egin zuten bidaia irriparretsua zetorkion burura; eta ontzi txukun hartan, Venezia'ko margoetakoen anaia bizkia, zubitxo baten azpitik igarotzean, Luc'ek esan ziola: «Zoriona zeu zera neretzat, Elsa. Noizpait utz banintzazu, hil egingo nuke nere burua». Brugge! !... Enparantza nagusia... bai... eta dorrea... eta eliza nagusia... Eta xoko haiek, Elsa'rentzat hain kuttunak eta maitatuak... Wollestraat'en ondoko kaleskatik ikus zitekean bazterra, Gruuthuse'ko zubiño konkorra, elizaren ondoko baratza heze eta olerkitsua... Giro bikain hartan pasa zuten alkarrekin Elsa'k eta Luc'ek ezkondu ondoko beren lehenengo astea. Nola ahaztuko Elsa'k? Zorion-izpiak bizieran barrena horren hurri izaki, nola ahaztuko Brugge'ko betetasun-lipar igeskor haiek? Haizea oraindik hozkirri, dana olerkia zitzaien bi ezkonberriei karrika mehar eta etxetxo desberdin haietan; eta idazleek Brugge'z ziotena ezagutu aurretik ere, hitzetik hortzera siñisteko gertu zeuden. Kale txior bakoitzak, ubide ondoko zabalgune bakoitzak, beti txukun eta ixil, amodio gaztearen kutsua zuten, haurtzaro berri baten xarma azaldu eziña, lehendabiziko musuen gozo ezti urruna... Molière kaleko gau luze hartan hauek zeuden tinko Elsa' ren oroimenean, ezin bazterturik... Noiz izan zan harezkeroztik, egia aitortzeko, Ama Birjiñaren ondoko baratzan, zugaitz haundi haien itzalean eta ubidera begira, gerritik Luc'ek hestu heltzen zuelarik; noiz izan zan, diot, orduan bezin zoriontsu? Eskuak hoztu egin zitzaizkion hesiaren harrian ezartzean... «Ekazkitzu, Elsa: neuk berotuko dizkitzut». Eta gabardiñako sakelan berotu zizkion... Noiz sendi zuen geroztik poz garbi eta huts hura? Iñoiz ez! «Zein urrun zoriona beti!», pentsatu zuen. Zenbat aldiz entzun ote zuten biek aste labur hartan karilloia, ixil-ixillik, Belgika'ko karilloiek sortzen duten giro errugabe berezi hortan?... —Gezurra! —esan zuen Elsa'k ia goratik. Eta izutu egin zan. Baiña Luc'ek soiñu ulergaitz batzuk egin ondoren, ezker aldera itzuli zan, eta berriz ekin zien bai loari eta bai zurrungei. Elsa, halere, poziago zegoen orain; Luc'en arnasa beroak ez baitzion bizkarra iristen. Lau t'erdiak jo zuten elizako kanpandorrean. Luc'ek ezer errepara ez zezan, kontu haundiaz jaiki zan Elsa, eta sukalderuntz abiatu zan ur baso bat edatera: eztarriko miña pittin bat ematua zan, baiñan ez arras joana. Leihotik begiratu zuen: euria beti ari, ez lehen bezin fiña, eta haize boladak hasten. Argiek hartara adarren artetik ñir-ñir egiten zutelarik, maiteago zuen Elsa'k Molière kalea; eta begira gelditu zan lehenengo hotzikara nabaitu arte. Aurrez-aurreko etxeetan bizi-arrastorik ez: danak lotan. Izkiñako zirkulazio-argiek beren lanari ekiten zioten hutsean: berde... gorri... berde... gorri... Aurpegia ikutu zuen bi eskuez, eta berea ez balitz bezela antzeman zuen: soin guzia, eta aurpegia batipat, arrotz zitzaion... II De Rijke'ren kontsultazioan lan egiten zuen Elsa'k lau urte hartan. De Potter'en etxean, egia esateko, ez zan Elsa'ren diru-laguntzaren beharrik: ezkondu aurretik, 1956-ean xuxen, Luc'en muntatutako «Moderne» garajeak behar hainbat eta gehiago irabazarazten zion. Ezkondu ondoren, horregatik, eta 1961 arteko hiru urteetan, Elsa etxen gelditu ohi zan. Hauxe zan, hain zuzen, bere ametsetatik bat. Ixiltasuna eta zugaitz batzuk etxe ondoan izatea zan bigarrena: «aski ke irentsi dut Jemappes'eko Wilson kalean», esan ohi zuen ezkontzerakoan. Hau dala-ta, 1957ko udazkenetik aurrera Ukkel'go bazterrak miatzen hasi ziran biak arratsetan; eta Wolvergberg'eko hauzoan, Dieweg-kale bakartian, «Ma Chaumière» izeneko billa eder bat aurkitu zuten. Zoragarria iruditu zitzaion Elsa'ri. Luc'i, berriz, haundiegia. Baiña onartu egin zuen; eta besterik gabe, alogeran hartu zuen: «Askotxo da hamabi milla libera hillean; baiña hori baiño gehiago emango nuke zuregatik». «Moderne» garajea ez zuen urrun beraz: Dieweg-kaleko etxetik Waterloo-galtzarako 544-eraiño hamar bat miñututan joan ohi zan berebillez; eta ordu erdi batean joan zitekean oiñez. Oiñez oso gutxitan Luc, ordea, autorik gabe kilometro bat egiten ez zekien-eta. Esan dugunez, Luc De Potter'ek ez zuen billa haundi hura oso gogoko izan. Elsa'k, aldiz, bai: etxea haurrez piskanaka ornitzeko itxaropenean, baratza zabal bat zuen billa bat nahi zuen, «Ma Chaumière»k zuen bezelakoxea; eta Dieweg bezelako kale bakarti bat ere bai, berebillen joan-etorrien bildurrak ez egoteko. Pakea ez zan «Ma Chaumière»n eskas; eta bazterra ederra zan. «Reve» zeritzan ondoko billak bost lizarrondo eder zituen atzeko aldean; eta hauen zurrumurrua maiz entzun zitekean. Elsa'ren etxe txukun haren inguru guzian, harrizko hesi gorri batek mugatzen zuen baratza; eta, hesiaren gaiñetik, baita negu luzean ere piñutxoen adar hostotsuak ziran agiri: «Ederrak dira benetan zure Columnaris-Glauca'k», azaldu zion behin «Reve»-eneko atso zimurrak. Hillabeterik zoriontsuenak, dudarik gabe, Dieweg kalean igaro zituen De Potter andreak. Etxeko zoko guziak apaindu zituen piskanaka eta maitekiro; eta apainketa-lan hortan joaten zitzaizkion orduak konturatu gabe. Eguerdiro (eta batzutan goiz erdian ere bai) etxera etortzen zan Luc, bazkaltzekotan edo litxarreriaren bat jatekotan. Ez horietara eta horiengatik soillik, Elsa'k pittinka konprenitu zuenez. Ezkondu ondoko udara bero hartan barrena batez ere, askotan oheraarazten baitzuen agerraldi haietan, bizimodu berriari datxezkon ezagugari bereziak Luc'ek egunean bizpahiru aldiz dastatu behar balitu bezela. Elsa'k ez zuen jokabide hau guztiz ulertzen; baiñan ez zion garrantzirik ematen. —Nik aski dut —esan zion halere halako batez, hasarre baiño etsimenduan— zu ikustea, zu nere ondoan «Le Soir» edo edozer irakurtzen exeritzea. Zuk, aldiz... ez naiz ausartzen garbi esatera... —Nik zer? —Zuk maindire baten azpian besarkaturik behar bide nauzu, bestela pozgarri ez banintzaizu bezela. Ezkondu artean askotan esan ohi zenidan maite ninduzula. Azken hillabete hauetan iñoiz ez. Nik, alderantziz, gero eta gehiagotan esaten dizut; baiñan oihartzunik ez, sekulan. —Ez gera berdiñak zuek eta gu gizonok. Hau da dana —erantzun zion Luc'ek hotzean eta irmoki. —«Ma Chaumière» huntarat zu azaldu aurretik ere, leiho hauetatik kanpora so, zugan pentsatu ohi dut maiz. Gauza bera zuk ere garajean nigan? Irailleko arrats epel bat agiri zan gelatik. —Utz zozokeria horiek, arren, Elsa. Zeren bildur zera? Atzeraka ibilliz, eta hestu besarkatuz, lo-ganberara eraman zuen, beti bi besoez inguratutik. Bidean Elsa'ren harropak banan-banan erantzi, eta zabarkeria aztarna gisa zoruan gelditu ziran... ...Piskanaka diskoteka oparo bat eratu zuen Elsa'k («betidaniko nere hirugarren ametsa mamitzen ari!»). Eta, arratsaldeetan batez ete, estereofoniaz gozatzeko bereziki atondutako living argi zabalean, begiak bilduta, hetrunka entzun ohi zituen diskoak: dantza-musikakoak, fantasia-moduan joak, biziki maite zituen. Baiña Debussy eta Dvotaks ere gero eta maiteago. —Zoritxarraren haundia! —aitortu zion behin Luc'i—. Musikak bizi nauela esan diteke, eta ez dakit soiñurik batere jotzen: musika-tresna guziak arrotz zaizkit. —Bai. Neuk ete uste dut zuk hemen orduak aisago pasatzeko, egoki litzaizukeala horrelakoren bat jotzen ikastea. —Ez dut eskolarik hartu nahi, kasu! Zaharregia naiz orain musika ikasten hasteko... Nere aita gizajoak nola sofritu zuen ni naizen bere alaba bakarrari musika-hezierarik ezin emanik. Batxilleratoa hobe zala bulego bati buruz, ez ninduela goseak hillik ikusi behar, eta abar. Sindikatoko lagun batek lortu zidan moltsa bat, eta horri esker nauzu batxillerra... Musika, medikuntza, hor utzi behar nituen biak usteltzen... Ez duzu zuk hau iñoiz ulertuko. Aberatsegia zera, eta betidanik... Ixillune bat gertatu zan bien artean. —Ez naiz ni aberatsa. Mundua garaiz ulertu dut, burrukan ikasi dut. Hau da dana. Zu, zure aita bezela, pikuan bizi zera: bertsoak, kantak, bazterren ederra... Baiñan utz dezagun hori. Zergatik «berandu» orain? —Bai, Luc: berandu da. Zer ikasiko, bestalde? Gitarra edo ez bada... Baiña solfeoan ez dakit. —Eta, pianoa? —Iñolaz ere ez, Luc! —erantzun zuen ia farrez—. Pianoa haurretan hasi behar da. Orain beranduegi da. Zerbait erantsi nahi zuen Elsa'k baiñan ez zan ausartu: «Lehenengo haurra izatean gaiñera, astirik ez dut izango». Azkeneko eztabaidak latzegiak izan ziran, ordea, puntu hau aipatzen ausartzeko. Elsa'k seme alaba batzuk izan nahi zituen: hiru, lau, bost. Luc'ek, berriz, «haurrak ezagutzen ez zituelako», haurrek «lotu egiten dutelako», haurrak «istillu-iturri bat besterik ez diralako», eta beste anitz arrazoirengatik, ez zuen seme-alabarik bat ere nahi. Ezkontzerakoan, hillabete batzutan bederen askatasun osoaz baliatzeko omen, pillura hartzeko eskatu zion Elsa'ri. Sei hillabete joan ziran hala, ordea, eta haurrik izateko asmorik ere ez zan Luc'engan agertzen «Ez dago arriskurik?». Beti galdera berbera. Pilluren kontua bukatua zala esan zion Elsa'k halako gau batean; eta ondoko eztabaida gogorra eta atsekabea izan zan oso. Luc'ek ez zuen haurrik nahi: garbi esan zion azkenean. Halere, bat izan artean pillurak alde batera uztekotan alkarraditu ziran: Elsa'k, nolatan urrengo egunetan ulertzen ez zuela, Jemappes'era bihurtzeko gertu zegoela mehatxatu baitzion; eta Luc'ek amor eman zuen. «Orain berandu da» hitzak aidean zeuden oraindik... Eta hortan gelditu bide zan musikari buruzko alkarrizketa hura. Halere, eta Elsa'k Luc'en partez horrelakorik espero ez zuelarik, biharamunean bertan gitarra eder bat hartu zuen oparitzat, eta gitarra-ikaspide pare bat. Luc'ek ba zituen oraindik bihozkadak; noizik behin bederen, maitagune-xehetasunak ba zituen jokabidean. Garai «urrun» hartan diogu, gitarrean pasadizu hau aspaldian gertatu zan-eta: ezkondu ezkeroztik larehun bat gau baizik ez igaroak... Nola hondatu ziran gauzak, beraz, 1959-ko udaberriaren etorrerarekin batera? Ezin Elsa'k esan: ezari-ezarian hunen ustez, ustekabean, egunsenti gorriaren ondotik zerua eguerdirako lañotu ohi dan bezelaxe, lañotu egin zan ere betegunerakoan hain zuzen «Ma Chaumière»-eneko zerua. Luc tratagaitzago hasi zan billakatzen. Maldan beherakoan gauzak abiaturik, haizkorakada latz kupidagabe bat erantsi zuen Dekraene sendagilleak 1959-ko Uztaillan. Luc'i deus esan gabe, ginekologo bat ikustera joan zan Elsa. Luc'ekiko ezkontza maillako hartu-emanak zenbait hillabete ezkeroztik usu eta gisakoak izan arren, berririk ez zuen hillerokoei buruz; eta oso kezkatuta zegoen. —Egia esan beharra mingarri zait, De Potter andrea: ezin dezakezu haurrik izan. Masailleko hotz bortitz bat hartu zuela iruditu zitzaion. —Iñoiz ez, beraz? Besotik heldu zuen Dekraene osagille zaharrak, eta berriz esan zion: —Geuretzako ere oso gogorra da batzutan egia jakiñaraztea. Zu bezelako emakume gazte eder bati, are gogorrago. Egia, halere, hori duzu. Bero sapa zegoen, eta Elsa itzaletik abiatu zan etxeruntz. Ezkondu aurreko arratsalde ero hartako sargoria bururatzen zitzaion nabarmenki... Knokke'ko basotxoa... haragiaren poza lehenengo aldiz dastatu zuen hura... Arrats laranja batez hartara zuen Luc'ek ia indarka... Nolako kezkak eta bildurrak pasa zituzten biek urrengo asteetan: Luc'ek haur baten erantzukizun larria zetorkealakoan; Elsa'k, berriz, egia Antwerpen'go familia elizkoi farisau harek jakingo zuen bildur... Hiltzaturik izan zuen irudimenean hogei egun luzez Esther, bere koiñataren muziña; eta entzuten bide zuen jadanik: «horrelakorik gure familian gertatu behar... Luc nere anaia garbia hortara likistea...» Dekraene entzunda, ulergarri agertzen zitzaion orduko ondoriorik eza... «Iñoiz ez», entzun uste zuen oraindik Dekraene'enetik etxerako bidean. Eta Wolvendael'go parkearen hegitik pasatzean, bestetan ia-ia erreparatzen ez zituen haurrak eta amak hantxe ikusi zituen, Dieweg kalearen aldetikako atearen ondoan jostari. «Iñoiz ez»... Ihartua iruditzen zitzaion bizia... «Ezin iñoiz neure haragizko alaba txiki txiki bat jantz eta laztan»... Zazpiak aldean etxera orduko, agirian zituen malkoak. Atariaren aurrean Volvo urdiña ikusi zuen: Luc etxen zan, beraz. Egia aitortu beharra lotsagarri zitzaion; askoz ere sakonkiago lotsagarri pekaturik lotsagarriena baiño. Ezintasuna zitzaion lotsagarri, ez pekatua: «ezin aberats agertzea da ahalkegarri, ez adabakiz jantzita ibiltzea; ezin maitasunik besterengan piztutzea, ez maitasunik gabe bizitzea. Hildo beretik, ezin senarrari haurrik eskeintzea: hauxe da hil arte hilduratuko nauen akatsa; ez baita nik neuk billatua edo ekarria». Aitortu egin zuen egia. Luc'ek ez zuen bere barne-poza agertzera utzi. Baiña Luc pozarren zegoen 1959-ko Uztailleko gau bero hartan; eta horregatixek izan zan behin ere baiño iaioagoa Elsa'ren atsekabeak haragikeriarik gabe balakatzen. Ia-ia bildurtu ere egin zan bukaerarik gabeko negarraldi etsi hura ikustean. Baiñan arreta ez zuen Luc'ek osoki «Ma Chaumière»ren gertakarian. Biharamunean Annie ikusi behar zuen laugarren aldiz... Ezin jasanezko egun garratz batzuk Elsa'k igaro-ta-gero, etsi egin zuen azkenean; eta egiaren ondorioak mamituz joan ziran beregan. «Ma Chaumière» billa, bapatean, haundiegia iruditu zitzaion. Goiko estaiak, batez ere, Luc'i hau iñoiz aitortu ez arren haurrentzako bereziak, hutsago eta hitsago agertzen zitzaizkion iñoiz baiño. Dieweg-eko pake hura, era berean, kanposantu-pake bihurtu bide zitzaion; ixiltasuna gehiegizkoa, eta Luc kanpoan zegoen orduak ugariegi eta luzeegi. Aldakuntza harrigarria gertatu zan Elsa'rengan udazken hartan: urtebete lehenago ametsa zitzaion pareta eta zugaitz mordo huraxe, kaserna zabalegi eta lantsuegi billakatu zitzaion: «sarraski kiratsa bide dario», zion. Hillabete haietantsu, hain zuzen, «Toyota» markaren ordezkaritza Luc'ek hartzean, are beranduago etxeratzen hasi zan hau. Eguerdian gero eta bakankago bazkaltzen zuen Elsa' rekin: —Zer uste duzu, Elsa? Lanpetuta nago, guztiz lanpetuta. Ez dakit ez ote dudan hutsegin «Toyota» hau lehengoez gain onartzean. —Zure burua eta gure biziera hondatuko baldin baditu, baietz esango nizuke zalantzarik gabe. Toyota'rena erabaki aurretik, hillabete batzuk pasatzen uzteko eskatu zion Luc'ek, ia arazo berria zertaratzen zan; eta huntan gelditu ziran: 1960-eko Urteberrian egoera berriz aztertuko zuten, eta deliberoak hartuko. Baiña Urtatsetik aurrera giroa ez zan aldatu. Luc gero eta zakarrago agertu ohi zan; eta igandeetan, etxen egotea pairatu eziña izango balitzaio bezela, aitzeki-billa ibiltzen bide zan, hunerat edo harat joateko. Bigarren estaiako gelak guztiz utziak: gero eta hotzago, gero eta zikiñago, gero eta urrunago. Gitarra ikasteari berari piskanaka utzi zion Elsa'k; eta diskoak berak, gero eta maizago, aspergarri iruditzen hasi zitzaizkion: «beti gauza bera», esan zuen behin gogaiturik. —Eros, ba, beste disko batzuk. Joan zaitez hirira. Nik ez dizut ezer galeraziko —zion Luc'ek. Baiñan Elsa'k disko berritarako ere gogorik ez zuela nabaitzen zuen; eta ez zan joan. «Musikak berak —pentsatu ohi zuen bolada hartan—, zer? Laister higatzen dira eresi-doinurik zoragarrienak; eta olerki-zartako sakon berri hari, soiñu-mordo ezaguna nagusitzen zaio. Olerkiari prosa darraikio ezinbestean, zahartzaro iharra gaztaro hezeari bezelaxe. Debussy'k berak nekatzen nau nere huntan»... Zergatik ote zan Luc gero eta aldatuago? Gogoeta huni zegokion ezpata zorrotza ez zan kamusten: «oiñazea dugu kamusten ez dan ziri bakarra»... «haurrik eman ezin dizaiokedalako izango ote da hotzaldi hau guzia?». Eta arra beti barruan ari, bere kezka hura jator Luc'i ezagutaraztea erabaki zuen: —Kezka ikaragarri bat sortu da nigan, Luc. —Tira, Elsa. Ez gaitezen hitz haunditan barrena abia. —Luc: egia esango didazu? —Bai, emakumea. —Zuk ez zenuen haurrik nahi... —Baiña, zer da galdera zentzugabe hori? —Erantzun argi eta garbi. Zure ezpaleko seme bat nahi zenuen ote barne muiñetan? —Ez —errepikatu zuen Luc'ek legorki. —Ziur? —Ba dakizu ezetz! Arren! Noiz ikusi nauzu ni Antwerpe'n edo Gent'en nere illobekin jostatzen ari? Noiz aipatu dizkitzut nik nere izena edo nere etorkia? Bost axola zaizkit, Elsa! Noiz esan dizut nik ezer seme bati buruz? Seme-alabarik ezin izatea berdin zait, berdin baiño areago: ez izatea nahiago dut. Bihirik Elsa! Zertarako? Gure arteko eztabaida haiek ahaztu zaizkizu dagoeneko? Neri ez... Elsa'k atsedenaldi naharo bat nabaitu zuen lipar labur-labur batez. Eta segittuan buruhauste berri bat nagusitzen zitzaiola konturatu zan, lehengoa baiño illunagoa ausaz... —Zergatik ba galdera horiek? —Luc'ek. —Ez, ezer ez —Elsa'k, arreta guztiz at. —Zergatik? —berriz Luc'ek, jakinmin biziz. —«Nere berririk iñork ez daki» —pentsatu zuen. —«Annie'k ezer esan ote du, ordea? Ez dut uste: ezkonduta dago bera ere; neuk hainbat behar du zuhurtasuna. Gasoliña erostera eta berebilla konpontzera bezero asko etortzen da «Moderne»ra: eziña da Anie'rekiko ezer bitxirik alde hortatik somatzea... Behin joan gera afaltzera biok Groot Bijgarden'era, eta ez ginduen iñork ikusi. Tout mais pas ça' bere proposamendua, zuhurki bete dut gaur arte... Ez, ez, eziña da...» —Ezer ez, Luc —entzun zuen gogoeta urduriaren erdian. —Zerbait bai, ba duzu —erantsi zuen Luc'ek, hariari berriro heldu nahirik. Ez zuen Elsa'k besterik ezer esan. Aipatzera ez zan ausartu ere egiten; baiñan hau zan bere katramilla berria: «zergatik hortaz, Luc, zure hotzaldi hori, gero eta nabarmenagoa?». Azaldu eziñezko kezka berri hura, hortara, bakardadearenari erantsi zitzaion: —Hemen usteltzera utzi bide nau Luc'ek. Hemen dudana ez da pakea: hau eritegiko ezintasun bakarti etsia baizik ez da. Hemen zai nago ni, egunero, egun guzian barrena, landerretxeetako agure eta atsoak bezelaxe... Eta Luc zertan ari? Garajean omen... Eta zergatik bere begirada igeskor hori? Eta kanpoko ixiltasuna erreparatzen zuelarik, «Ma Chaumière» ezin eramana iruditzen zitzaion. —Luc —esan zion behin brauki. —Ezin naiz etxe huntan luzaroago bizi. —Zer? —Zu lanean egoten zera, eta ez dakizu hau zer dan. Ezin hau luza, ezin iraun nere huntan. Ezin dut! ! Eta negarrez hasi zan zotinka. —Zeugatik etorri giñan Ukkel'go hegoaldera. Eta eztenka nahiean erantsi: —Ez da nere errua: ez nuen nik aukeratu. —Hala da. Osotara nahastu nintzan: jator aitortzen dizut. «Haurrik izango ez genuela ez nekien orduan» esateko gogoa etorri zitzaion. Baiñan ez zan ausartu. Ba zekien, bestalde, egiaren parte bat hori izanagatik ere, besterik ba zegoela. Erregu hura behin eta berriz berretu zuen Elsa'k. Aldatzea berdin zitzaion Luc'i; eta istillu-iturri hura agortzeko egokia bazan, atsegin ere zitzaiola esan zitekean. Baiña begiratzea eta billatzea beti ahaztutzen zitzaion. —Zeuk aukera etxea, Elsa, eta kitto. Ongi hautatua izango da. Zeure gain beraz —esan zion behin atekatik irtetzeko. Horrela izan zan. *** Molière-kaleko pixua Elsa'k berak aukeratu zuen 1960-eko Abenduan; eta urrengo Otsaillan egin zuten etxe aldaera. Bizileku berrian laketago zan Elsa: hiru gela alkarren segidan, Brusela'n usu ikusi ohi diran «de maître» horietakoa. Kristalezko ate bat eta gortiña gorraide bat artean: biak osoki zabaltzeko modukoak, eta hortara gela luze bakar bat eratzeko asmatuak. «Lan txikiagoa Ukkel'go jauregitzar eskerga hartan baiño», zion Elsa'k. Berekiko zion hau, bere senarrari alperrik baitzan etxekorik ezer aipatzea. Waterloo-Galtzara dendatsua ere hurbil xamar zeukan; eta dendetan ideien aldakuntza lor zezakean. Baiña hasieratik beretik jakin zuen Elsa'k Dieweg-kaleko hastapen irribarretsu haiek betirako joanak zitzaizkiola; ez baitago irribarrerik itxaropenaz kanpo. Laketago zan, bai, Molière'n; baiñan ez zoriontsu. Egunak luzeegi zitzaizkion han ere; eta Luc, itxura zanez, arrunt galdua: ez zuen etxearen txukuna iñoiz ere ixtimatu, eta apaingarrien apainketa hitzetik hortzera antolatu eta erabaki zuen Elsa'k, etxe hartan biztanle bakarra bera bailitzan. «Zerbait egin behar dut: ez edozein gauza, ez. Egun osoan barrena arduraraziko nauen eginkizun batean hasi behar dut. Alegia: lanegin egin behar dut. Lana aurkitu artean ez diot Luc'i ezer azalduko. Zertarako? Ongi irudituko zaio. Berak 'bost axola' adierazteko, 'ongi da' hitzak esan ohi ditu...» —Lanegin egin nahi dut, Luc. —Ongi da. —Eta irakurtzeari ekin zion. Nazkak gainditurik ez zuen Elsa'k ezer erantsi, eta ohera joan zan. Elsa'k berak lortu zuen De Rijke'ren lanbidea 1961-eko Urrillan, Alsenberg-Galtzarako liburutegi bateko bitriñan irakurri zuen anuntzioaren bidez. Eta Ukkel'go hauzoan, Edith Cavell-kalean, horzkintzan hasi zan laguntzaille. De Rijke burusoilla zan, goratasunez ez oso luzea, mardula, berrogei-ta-hamar urteetan dexente abiatua, begi urdiñak bizi-bizi. Horzkin aparta, fama zanez; eta kontsultazioa begiratzea besterik ez zegoen: Ukkel'go bereko bezero anitz joaten zitzaion; eta baita Sint Genesius Rode eta Linkebeek'eko dirudun frantximenta batzuk. Lau urtetan Elsa'k ikasi zuenez, hizkeraz De Rijke zakar xamarra izanagatik ere, bihotz oneko gizona zan, eta lanean txit leguna eta artatsua. Elsa beti hartu ohi zuen, kanpotik bederen, ia-ia alaba bat bezela. Baiñan ez horren aitakiro beti. Elsa oso ederra zitzaion, liraiña, aurpegi oso politekoa; eta hunen begi nabar illunek eta begirada sakon tristeak, behin baiño gehiagotan hunkitu eta asaldatu zuen De Rijke alarguna. Baiña hunek bere zakarreriari eusten zion xamurraldietan; eta huni esker, Elsa'k ez zuen berandu arte ezer nabaitu. Lan harek, halere, alderdi txar bat zuen: bezeroak ugari ziran ezkero, Elsa oso sarritan gaueko bederatziak arte gelditzen zan De Rijke'ren kontsultazioan; eta laguntzaille-lana nekeza eta gogorra ez bazitzaion ere, han egon behar izaten zuen zazpi orduak maiz gehiturik, eten gabe De Rijke jaunaren ondoan eta zerbitzutan. Askotan, hortara, Edith Cavell-kaletik Molière-kaleraiñoko bidea egin ondoren etxeratzen zanean, afaltzeko gogo haundirik ez zuen, eta are gutxiago afari oparo bat prestatzen hasteko. Luc'entzako ote? Alperrik litzake, «afalduta nago» bere leloa ez baitzan bakanka entzuten bolada hartan. Elsa, berriz, jangartsu zegoen; eta gogorik eza gainditzeko ziorik ez zuen aurkitzen. «Osasuna hondatuko? Eta nori zaio axola?». Jate-desordenu haiek berealatik noarkatu ez bazuten, farmaziako jakien alderako zaletasuna eta beharra piztu zizkioten. Eta lo egiteko, batez ere, illaran hustutzen hasi ziran Elsa'ren eskuetan «Bellergal» botillatxo haiek... III Gauza agiria zan Molière'ko etxe berrian, ez zala Luc Elsa'rekin ezertaz hitzegiteko gauza. Luc iñoiz irakurle porrokatua ez izanik ere, kaseta edo txosten bat eskuetan baizik ez zan etxen ikusten ahal; begiek salatuko ote zuten bildurrak balego bezela. Alkarrizketarik ez, berotasunik ez, ezkontza hartu-emanik ez, senar-emaztearen artean hormazko pareta lodi bat sortu zan, gero eta gotorragoa. Bi igespide ikusi bide zituen Luc'ek egoera hartan. Bata lana zan. Igande goizetan liburuz eta paperez beterik etxeratzen zan bazkaldu aurretik; eta negozio-giro hartan itotzen zuen Molière'ko bakartasuna. Larunbat arratsaldeetan beretan garajera joaten zan; eta afaltzera oso bakanka agertu ohi zan etxera: gehienetan Brouckère-enparantza ingurura edo Namur-Atearen aldera joan ohi zan aurretik afaltzera. «Laguntsak» ez zitzaizkion falta, eta hauentzako diru ariña ere ez. Somatu egin zuen hau Elsa'k, baiña jakin ez zuen ezer jakin 1965-eko Urrillaren 26-eko gau euritsu hura arte. Igande batzutan, halere, paperen artean murgilduta ez pasatzea Luc'ek erabakitzen zuenean, Antwerpe'ra joan ohi ziran senar-emaztea «Toyota» zuri berrian. Nora? Kalez kale ibiltzera ez gutxitan, azkenean Geltokiaren ondoko kaferen batean exeri artean. Kai muturreko «Nautilus» bazkaldegitik ontzien joan-etorria ikustera joaten ziran beste zenbait aldiz; eta Elsa'ri, zergatik azaltzen asmatuko ez balu ere, oso hunkigarri eta guztiz tristagarri zitzaion gehienetan, Eskalda'tik haruntz, lañoan barrena, itsasontzi eskerga haien joaire jarraikia. Esther eta Valère Van Geenk'en etxera joan ohi ziran ere usu xamar 1962, 1963 eta 1964-eko urte luze koloregabeetan. Esther gajoa, Luc bere anaia bezela, itsusia zan, txikia eta begi kaxkarrekoa. Bi seme zituen, bost eta bi urtetakoak. Biak «Tante EIsa»'rekiko txit atsegiñak, egia da; baiña arrotzak ere bai arrunt: flamenkeraz «Tante Elsa»ri hitzegitean, hunek ez baitzuen fitsik ulertzen. «Tante Elsa» hitz haiek berak, gero Elsa'k jakin zuenez, ez ziran frantsesezko esakera bat: «Tante» hitz berbera flamenkerazkoa zan, ez frantsesezkoa. Mutiko haiekiko hizkuntza-murru hunek pena haundia eman ohi zion Elsa'ri. Illobak urruti zituen: hizkuntzaz, familia hartan gorroto zuen giroaz, alde guzietatik hitz batez, arrotz zitzaizkion. Haur haiek, halere, Esther'en haragizkoak ziran. «Ni, berriz, Esther baiño ederragoa izanik ere, matxorra naiz. Nere edertasuna, zertarako? Zergatik ote dira mailla guzietan eta maiz xamar edertasuna eta antzutasuna alkarrekin egokitzen? Zergatik alkarren ekarle? Ardenak ederrak dira; baiña hustu egiten dira jendea han bertan ezin bizi izanik. Ardenak antzu dira, baiñan eder. Luc'ek maite duen Antwerpe'ko kaietako tegiek, ordea, itsusiak diran neurrian, itsusiak diralako, itxura danez, jendea erakartzen dute. Antwerpe emankorra da, baiñan itsusi. Beti bat beraz. Edertasunaren hobariak nik ezaguturik, eta ugaritasunaren gabea pairaturik, hau irabazi eta hura galdu egin nahiko nituzke...». «Onkel Luc»ekin, berriz, ez zegoen Van Geenk'en etxean mintzairazko hesirik, eta ez pentsakera-desberdintasunik. Baietz pentsa zitekean itxuraz Van Geenk «katolikoa» zalako. Baiña dirua irabaztea zitzaion huni funtsezkoa, ez Jaungoikoaren garazaia emendatzea; eta gauza bera Elsa'ren senarrari. Sozial arazoaz iritzi berekoak ziran bi koiñaduak: «Noiz bizi izan da langillea gaur baiño hobeki?». Emakumeei dagokienez soilki ziran desberdiñak: Luc'en ustez, lizunkeriaz kanpo ez zegoen mundu huntan saiatzea merezi zuenik ezer; Van Geenk jaunak, ordea, ez zuen iñoiz problemarik izan ere alde hortatik: haragiaren griña zer dan ez zekien, eta bihotzaren ixuri eten-eziña zeren antzekoa izan ditekean ere ez. Familia-usadio zahar bati segida ematea izan zitzaion ezkontzea Valère'ri; «Van Geenk Frères» familia-negozioari segida eman zion bezelaxe. Hauek biak oso inportanteak ziran Van Geenk'en familian, biek batera leiñuaren «izen ona» gordetzen laguntzen baitzuten: —Familia-taju on bat, eta diru-kontuetan garbitasuna. Zorrik ez, igandeetan meza, Flandre'n flamenkeraz, eta beste saltsarik ez: hauxe izan da beti gure bidea — esan ohi zuen harro-harro Van Geenk'en ama zahar iharrak. Eta iñork baietz erantzuten ez ba zion ere, iritzia etxe hartan onartzen zala pentsa zitekean. Berdin zitzaion hau guzia Luc'i, Van Geenk'i berdin zitzaion bezelaxe. Besterik istimatzen zuen Luc'ek Valère'rengan: mundutar segurantzia, sakela betea, adiñak ematen zion gaintasuna (Valère'k 46 urte zituen 1965-eko Iraillean); eta, funtsean, «hoztasun» hura, beren buruaz besterik ezer maite ez dutenen hoztasun barea. Van Geen'ek haur argitzat hartzen zuen Luc De Potter bere koiñadua: —Zure anaia aurrera aterako da, bai: mundua zer dan xuxen ikusi du —esan ohi zion Esther'i—. «II a vite compris», erantsi ohi zuen frantsesez. Elsa, alderantziz, ez zuten batere gogoko: ez Van Geenk jaunak, ez andreak. Esther'ena gauza nabarmena zan: emakume itsusiek ez dute sekulan barkatzen emakume ederren edertasuna: Elsa irain garratz bat zitzaion, begirada legun hura ezpata zorrotz bat; eta bere bekaizkeria ezin zuen izkutatu: Esther'ek Elsa gorroto zuen. Valère'ren etsaigoa nabaitzen zaillagoa zan: hain zailla nun Valère'k ez baitzekien Mons'eko bere koiñata gaitzi zitzaionik. «Pratikutasunik» ez zuela iruditzen zitzaion soillik; eta hortaz, mundu huntarako galgarri eta istillu-iturri. Baiña bestetik, hau agiri ez bazitzaion ere, labainkeria somatu uste zuen Elsa'ren begirada eta kiñu guzietan, hunen edertasunak berak lehenengo aldiz emakume bat kilikagarri agerreraziko balio bezela. Eta hau ez zuen Van Geenk'ek batere gogoko: «Haragikeriak ohean, eta aski!». Ez zegoen, ordea, haragikeriarik batere Elsa' ren partetik; etxe hartan batez ere... Baiñan edertasunaren mundua, baita emakumetan beretan, arrotz zitzaion guztiz Valère'ri, eta haragiaren dei koloregabeaz gain ezerk erakar zezakeanik ez zuen iñundik antzeman. Elsa'ren edertasun lilluragarri eta guztizkoa, horrengatik, artosoa eta maiña gaistoan finkatua iruditzen zitzaion. Huntaz guziaz ohartua zan, hain zuzen, Elsa; gutxi gora-behera behintzat; eta gogorik gabe joan ohi ziran Antwerpe'ra. Nola ezetzik esango, ordea? Luc'ek onartzen zuen azkeneko alkarbideari, nork eragozpenik jarriko? 1965-eko udazkenean, Suzanne'ren saltsa azaldu aurretixek beraz, Van Geenk'en etxean egokitu ziran. Antwerpe'tarrak Españia'tik iritxi berriak ziran. —Zoragarria da Españia —zion Valère Van Geenk'ek. —Joan egin beharko zenuteke datorren udaberrian. Bere koiñadua lehenengo aldiz begi onez begiratzen zuen Elsa'k: —Bai, Luc. Zergatik ez? Ezkondu giñan ezkeroztik ez gera iñora joan. Eta ezkondu giñanean ere... —Bai! Valère'k eta Esther'ek ba dakite! Nere erruarengatik ez giñan Brugge'ra baizik joan!! Noiz arte entzun beharko dizut gauza bera? Elsa ixildu egin zan. —Ba dakizu negozioak zer diran, Elsa —erantsi zuen Esther'ek, itxuraz eztiki, barnez mendeku gisa—. Neuk ere, ez pentsa: aspaldi huntan mogitu gabe egon ondoren, Sevilla, Madrille eta Valencia ikusi berriak ditut; astebetean dana, kasu! —Argitasunarengatik joan diteke, benetan —ekin zuen Valère'k—Sevilla'n zeru urdiña beltz billakatzen da. Loreen usaiña kalean aditzen da. Hizkeraren «h» horiek, Marrok'en edo Mauritania'n jartzen zaituzte. —Zoragarria da, bai. Gaueko proosio famatu horiek aspaldian ikusi nituen nik, kandelen argitasunean. Ez da dana urre gorria, egia da: zenbait mozkor erreparatu nuen orduan, zanbuluka, abittuaren ohorea lardazkatzen ari. Baiñan Europa'n ez dago gaur horrelako federik. Nere amagiñarrebari heranegun esan nion: «Zoratu egingo ziñake zu Espaiñia'ko erlijio-giroan. Nolako sua 'saeta' dalakoetan... nolako errespetua morez eta oiñutsik nekez ibiltzen ziran erromesengan... Oso ederra!». Entzundakoak desgogara jarri zuen. Jemappes'eko etxera biltzen ziran gehienek aitaren iritzi hura aintzakotzar eman ohi zuten. Zein ote zan egia? Elsa'k ez zekien. Problema bera aztertzea zozokeria bat iruditu zitzaion berealatik. Eta, berriz ere, begikotasunez hartu zuen aitaren iritzia; baiña kupidaz ere bai. —Fedearena eta hori guzia ipuiñak dira, baiña... esaten hasi zan Luc gogor xamarrean. —Ez pentsa, Luc —errepikatu zuen arrebak— Hik ez duk hori siñisten; baiña danak ez dituk hire kastakoak. Espaiñia'ko fedea ez duk ipuin bat: apaizak han hiltzen dituztenean, sagaratutzat daukaten zerbait hil nahi ditek. Nun entzun diteke biraoa maizago españarren ahotan baiño? Aste Santua han aste santu bat duk egiazki: Kristo'ren izena eta irudiak denen aurrean zeudek astebetez. Datorren udaberrian Andaluzia'koa neure begiez miresteko asmoa diat. —Bego. Berdin zaidan fede-kontu hori —amor eman zuen Luc'ek. Eta hiruei begiratuz ekin: —Hango argitasunak kilikatzen nau ni bederen: leporaiño nago hemengo lañoez eta lanbro azkengabeez. Espaiñia'n eguzkia ikusi uste dut nik. —Hori ba huke, bai —esan zuen Van Geenk jaunak. —Ba nuke, bai. Horixe da hitza. Oraingoz ez dut joaterik antzematen. Toyota'rena batez ere... —Luc: bizi egin beharra zegok. Hi baiño zaharragoa nauk ni, eta denbora ez galtzeko gomendatzen diat. Ordurarte iñoiz gertatu ez zitzaiona: koiñadua musukatzeko edo besarkatzeko gogoa etorri zitzaion berriz Elsa'ri; baiñan ez zuen ezer esan: bera baiño abogadu hobea zan Valère Luc'ekiko. Zeruaren urdiña gogoratzen zitzaion, aidearen epela, Mediterraneo'ko argia, Gaztela'ko gazteluen eta murruen idorra; eta gaztetu egingo zala, bizian berriz siñistuko zuela, Luc'en maitetasuna berpiztuko zuela iruditzen zitzaion. —Ez zekiat, Valère —ekin zion Luc'ek, beti ukakor. Zergatik ukakor? Ezin zezakean egia esan. Baiña hauxe zan egia: Elsa'rekin joatea baiño ez joatea nahiago zuela. Brusela'n ba zituen, bederen, Suzanne'ren mentura eta gaueko irteerak. Suzanne'ri bidaia proposatzea bururatu zitzaion ustekabean, Valère'k hitzegiten zuen artean; eta begiak argitu ere egin zitzaizkiola ba zekien. Baiña hau txorakeria hutsa zan: Suzanne ez zan bere buruaren jabe, ezin zan hamabost egunez joan, ez zuen halakorik ezer iñolaz onartuko. «Hortaz —pentsatu zuen— zer? Elsa'rekin hamabost egunez buruz-buru? Zer egiteko? Tira, tira, tira!». Elsa'k ez zituen ideia hauek bere senarraren kopetan irakurri; eta aingeruki esan zuen: —Bai, Luc. Bai! Udaberri huntantxe. Eta bihotza aspaldi hartan baiño bizkorrago zeukala nabaitu zuen. —Ez dakit, Elsa! Ez gaitezen txoriburu izan. Gauza horiek patxaran eta xeheki aztertu behar dira. Madrille'ko berri eman zuen ondoren Van Geenk'ek, garrik beroenaz: —Ezkertarrek asmatutako hiriburu txiro mixerablea topatu uste izan nuen. Bai, zera! Ipuiñak! Brusela'n aurkitzen ez ditugun etxe dotoreak ikusi ditut, industria berri ugaria inguruetan, jendea Ixelles'en bezin ongi jantzirik, kotxe ederrak ugari, eta jendea atsegin eta zoriontsu leku guzietan. Zerbitzarietan beretan españarraren harrotasuna aurkitu dut. Hogei-ta-hamar urte hauetan, eta pakeari esker, pausu gaitza eman du Espaiñia'k. Hemengo ziztrinkeriak ezaguturik, benetan, bekaizkeria nabaitu dut. Politikeria txit gauza kaltegarria da gure Belgika'n; behin ere baiño siñistuago nago. Eta komunistek asmatu dituzten ipuin horietaz, zer erantsiko? Goragalea zetorkion Elsa'ri; eta aitaren gogaide antzeman uste zuen berriz bere burua. Eta ezer ez entzuten saiatzen zan, entzunda ere ez aditzen hobeki. Besterik billatzen zuen bere barrenean: «Espaiñia'ra udaran... argia... epeltasuna leihoak zabaltzean... sargori legor berbera, zergatik ez?... eguzkia egunero agiri... beso motzetan pasean ibil ahal izan... kolore bizitzako soiñekoak jantz... gauetan izar guziak goietan ñir-ñir... Albeniz'en akordeak aidean igeri... Machado eta Jimenez'en bertsoak ixiltasunean irakur...» Autorrutan barrena Brusela'runtz abiatu ziralarik, ixillune bat gertatu zan hasieran; eta Elsa'k bukaraztea erabaki zuen: —Luc, Luc, arren: goazen Espaiñia'ra datorren Maiatzean. Ez nauzu iñora eramaten aspaldidanik. —Eta, ni neu nora noa bada? —Ba dakit. Goazen ba biok. Andaluzia'ra... Ixillune luzetxo bat berriz. Ez zan ausartzen Elsa gauza bat esatera; baiñan, azkenean, lotsaz beterik, bere itxaropena aitortu zion: —Beharbada gure artekoa zuzpertuko litzake. Luc ez-eroso zegoen. Ez zekien zer erantzun. —«Gure arteko» zer? —Gure arteko... gure arteko maitetasuna. —Tira! Berriz ere! —Ez da egia? —Ez dakit. Elsa'k ekin egin nahi zion hizketa-gaiari, eta Luc'ek aldegin. Eta aldegiteko biderik onena «baietz» agintzea iruditu zitzaion: —Lanak ez badit debekatzen, joatea agintzen dizut. Baiña hamar bat egunez. Ezin luzeago. Itxaropen-itsaso bat aurkitu bide zuen Elsa'k agintza hortan, Luc'ek betetzeko asmorik txikienik ere ez zuen agintza hortan; eta bidaia guzian ez zuen besterik ezer esateko beharrik nabaitu. Hitzak baiño hobe ametsak. Brusela'ra sartzerakoan, Meise'ko kaskoa gainditu ondoren, Atomium'en esfera gaitzak ziran agiri, argi bitxitan zaindari, diztira harrigarri aldakorretan esnai, 1958-ko festa-giro haren azkeneko zantzu gisa. Hiriburuaren gaiñean argi arin segaillezko behelaño xarea. Zeruan izarrik ez. —Luc: burutazio on bat izan dut, nere ustez. Españeraz ikasten hasi behar dut. —Zertarako? —Hillabete hauetan, ba dakit, epe laburregia da ezer sakonik ikasteko; baiña, Espaiñia'rako girotan jartzeko, biziki egokia iruditzen zait hizkuntza ikasten hastea. —Bai. Egia duzu. Ez da ideia txarra. Lan haundiegia ez? Goragalla etorri zitzaion Elsa'ri sasi-maitagune hitza entzunda ez. Biharamunean bertan, Vleurgat-Galtzaran, eta ez etxetik urruti beraz, españeraz ikasteko ikasgu bat idoro zuen Elsa'k. Ez zuen betarik galdu nahi. Eta aste hartantxe hasi nahi zuen bere ikastaroa. —Astean bitan, astelehen eta ostegunetan, De Potter andrea. Irakasle: Señor Loza. Arratsaldeko zazpietan beraz. —Ongi da, jauna. Astelehen arte. Baiña astelehenean ez zan hara agertu. De Rijke'k lan izugarria izan zuen bi astez, eta españeraz ikasteko asmoa etzan Irailla hartan mamitu... IV ...1965-eko Urrillaren 27... Eurijasak eta haize-bala zakarrak nagusi Brusela'n... Nolako gau luzea!... ...Asteazken hartan iñoiz baiño uzkurrago zegoen Elsa De Rijke'rengana joateko. Hunek aurpegian zerbait soma zizaion bildur zan, gauaren eragiña nahi-ta-nahiez oso nabarmena baitzan haren betazpietan eta begietan beretan. Suzanne ez-ezagun harentzako lerro bakoitzak bere kidea utzi bide zuen Elsa'ren kopetan. Goizeko bederatziak laurden gutxitan Edith Cavell'go kontsultazioan aurkeztu zanean, hunelaxe errezebitu zuen De Rijke sendagilleak, esankizuna ziplo botata: —Baiña, Elsa bihotzekoa; zer egin zenuen bart? Zerk harrapatu zaitu gaur gauean horrelako begi gorriskak izateko? —Ez dakit, jauna. Nik dakidalarik, deus ez. Itsusten ari naiz nunbait... —Ez neri zozokeriarik esan. Lau urte dira ezagutzen zaitudala, eta iñoiz ez zaitut horrela ikusi. Zer duzu? Elsa'k moztu egin zuen. Ez goratik, ez hitzez hala eskaturik. Baiña De Rijke'k nabaitu zuen Elsa'ren begiak irazeki egiten zirala, eta galderak harrerazten zion barne-oiñazea ez zala txantxetakoa. —Ongi, Elsa. Utz ditzagun horiek alde batera, eta presta gaitezen lanerako. Lehenengo bezeroak hemen dituzkegu hemendik ordu laurden batera. Eta hori esatean besotik heldu zuen maitekiro, baiña gogor xamar Elsa'k besoan neur zezakeanez; eta aldameneko operazio-gelara lagundu zuen. Ez zuen De Rijke'k besterik ezer esan; baiñan Elsa behiñere baiño aisa itsusiago antzeman zuen, eritasun bortitz batek ikutua balitz bezela. Aurpegiaren osotasuna galduta bide zegoen tupustean: begiak bi begi ziran, oso «bi», alkargandik urrundu balira bezela; eta musua eta masaillak oso zurbillak, eta begiekiko arrotz. Zer gertatu ote zitzaion? Senarrarekin zerbait gertatu zitzaiola ez zuen zalantzan jarri. Baiñan ez zuen txintik atera. De Rijke'k Luc De Potter jauna gutxi ezagutzen zuen. Bi edo hiru aldiz etorria zan Elsa'ren billa kontsultaziora aspaldian, oso aspaldian. Gizon argal eta motz batez oroitu uste zuen, kirru xamarra, begiak argi eta txiki, kiñuetan gizon harropuztua. Gazte hura ez zitzaion iñoiz gogoko izan. Ez lekike zergatik azaltzen; baiñan ez zitzaion gustatu. Begirada igeskor hura faltsu antzeman zuen, eta ezpaiñak lodiegi. Ez lekike, ez; baiñan... Elsa'renganatik ote? «Ez! !», erantzungo zuen irmoki. De Rijke'k ez zuen hau uste. Elsa'k «besterik» merezi zuela bai, halaz ere. Asteazken zorigaiztoko hartan behin baiño gehiagotan nahastu zan Elsa bere lanean. De Rijke'k tresna bat eskatu, eta Elsa'k beste bat eman; eta holako. De Rijke zakarra zan berez, eta are zakarrago agertu behar zuen halakotan bezeroen aurrean. Eta hitz atsekabeak entzunarazi zizkion. Gaueko zortziak eta hogeitan Bolland alarguna joan zanean (eta kostata joan, alajainkoa: katu bakoitzari gertatutakoa zehatz-mehatz azaldu behar baitzion Elsa'ri, eta bost katu izaki...) zerua zabaldu zitzaion. Baiña De Rijke'k ezin izan zuen bere jakin-miña izkutatu, eta ustekabean galdetu zion: —Elsa: barka zazu nere gogorkeria. Ez zaitut iñoiz ikusi gaur baiño okerrago. Alperrik duzu itxura egitea. Zer gertatu da atzo zu eta Luc De Potter'en artean? —De Rijke jauna: hori ez da zure arazoa. Bihotzez eskertzen dizut zure jakingura maitekor eta zuzena; baiñan ez dut tutik esango. Ba dakizu nolakoa naizen: lau urte huntan ari naiz Ianean zurekin; eta nik «ez» esan dudanean, «ez» da. Kalera irten zan, eta ateri zegoela ikusi. Aidearen hotzaren fiñak hautsiki egiten zion bere aurpegiaren larrua. Eta Brusela' ko negu luzeetan ipar-haizea eten gabe ari dalarik, Elsa'k biziki maite zuen hautsikidura hura. Leher-egiña zegoen, ordea, urduri, nahasia, lotsatua; lotsatua batez ere, guztiz lotsatua, Dekraene'k haurrik izango ez zuela esan zion egunean bezelatsu. Ez zuen ezer egiteko adorerik, ezta oiñez etxeratzeko haiña; eta horrela pittin bat egurasteko bidenabar. Ezta huntarako ere. Taxi bat deitu, eta etxera sartu zan zuzenean. *** —Pentsa dezakezunez, Luc, ez zait batere gogoko nere egoera hau —bota zion ezustean handik astebetera—. Baiña jakiñaren gaiñean iduki baninduzu, nahiago nukean. Egia jakitea hobe da beti, nahiz egia askotan garratza izan. —Ez dut ezer ulertzen —erantzun zion Luc'ek, bere barne-asaldua nekez diximulaturik. Ixillago hitzegin, gaiñera: berandu da. Astebetea pasea zan Elsa'k Suzanne'rentzako gutuna topatu zuen gau beltz hartatik; eta Elsa'k ez zuen ordurarte ezer esan nahi izan. Luc, ezertaz konturatu gabe, gauero etxeratzen zan hamaiketan eta hamabietan, batere azalpenik eman gabe; edo-ta, bi aldiz bakarrik, lagunetara joana zala esanez. Azaroaren 4-eko gau hartan, ordea, hamaikak eta hogeitan xuxen, problema aurpegira aurtikitzea erabaki zuen Elsa'k. Gorrotoa mintzo zan itxuraz hunen ahotik. Zazpi egun haietan nabarmen zimeldurik, emazte tristatuaren keiñadak ikuste soillaz barneraiño higuinduta eta desegiña zegoela jakin zitekean eskierki. —Ixillik hitzegin beharrik ez dago! —errepikatu zuen Elsa'k. Etxe madarikatu huntatik aldegiteko asmoa baitut, gaiñera, zure hauzokoek nitzaz zer dioten edo zer deritzaten berdin zait osoki. —Nola «joan»? Baiña, zer duzu? —Galdegiozu hori zure Suzanne maiteari. Ixillunea aztun egin zan, luze, amaigabe. Paretek berek hitzen bat eskatzen zuten etenaldi haren betegarri. Baiñan ez zan ezer entzuten, ez zan hitzik batere ematen, ez Elsa'ren- gandik eta ez Luc'engandik. Denboraren joana gelditua zirudien egiazki. Berebil baten soiñua aditu zan, laister ixillean iraungia. —Horren guziaren berri zuri ematea erabakirik neukan... Baiña zuk ezer ez jakitea hobe ote zan ez nekien. Gezur hutsa zan hau. Annie Dupont izan zan lehenengo «menturatxoa», 1959-ko udaran hasia. Eta, geroztik, zenbat? Hiru? Bost? Zortzi? Gehienetan Luc oheraiño garaitzaille gaiñera! Gogortasunaren arrakastak. Annie hura ez, egia da. Baiña ulergarria zan: lehenengo aldiz abiatua zan Luc «flirt»en bide labaiñetan aurrera; eta Annie'ren «tout mais pas ça» baldintza hura, aski izan zitzaion lau bat hillabetez besterik ez billatzeko. Atsegiñen maldan beherako muga hura, dana dala, atsekabe gertatu zitzaion azkenean; eta Annie uztera eraman. Laister aurkitu zuen Luc'ek, 1961-eko udaberriaren inguruan, Marthe emakume leguna, hogei-ta-bost urtetan senarrak abandonaturik. Zer egokiagorik Luc'en «abileziak» neurtzeko? Ohaideen illara orduantxe hasi zan betetzen: Micheline aurretik, gero Olga... Gero eta errazkiago hartuak eta utziak danak. Sendimendua gero eta utrunago. Eta hauen arteko tarte hutsetan, Porte de Namur inguruko kabaretetara jotzen zuen. Zirudienez, ordaintzen diran emakumeak zitzaizkion Luc'i gero eta gogokoago; eta hauen artean jaun-da-jabe zan. Hauetako bat ere, besteak baiño kuttunago, Suzanne Duvignaud. Nola ez Elsa'k azkenean ezer ere jakingo? Mirakuillu zan, hain zuzen, ia sei urte osotan istilluetarik batere ez iragaztea... —Hobe diozu? —errepikatu zuen Elsa'k amorru betean. Hobe? Gezurra! Gezurra zuk diostazun guzia! —Arren: ixillago. Ez nazazula nere onetatik atera. Ezagutzen nauzu. —Noiz ezkero da hobe emaztea pikutan egotea eta senarra maitalearen ohean? Orain ongi ulertzen ditut aldameneko dendariaren hitz ariñak eta zirto errukitsuak! Aluok! Ez dakit nola aurkeztuko natzaion iñori aurrerakoan. Nere sendimenduez, zertarako hitzegingo? Zer axola zuri? Iñoiz axolatu ahal zera nere kezkez? —Nik neuk, huntara ezkero, egia argi eta garbi... —Gauza bakar batek kezkatu zinduen hasieran; eta hori ere, zer zan haragiaren jakin-miña baizik? Zer zan odol beroaren eskabideari segida ematea baizik? Zer izan zan Knokke'ko eroria, nere zoritxarraren hastapena baizik? Nigan nahi zenuena ez da nerea, emakume guziengan aurki ditekeana baizik! —Huntara ezkero, diot, egia argi eta garbi aitortzeko gertu nago! Ezari-ezarian zuganako nere maitasuna iraungi eta itzaldu egin da. Horra egia hutsa. —Zer dakizu zuk maitasunaz? Esaidazu nere gorputzaz aspertu zerala, gauza bera berriz beste batengan nahi duzula. Zure maitasuna nahitasuna baizik ez da izan: ez da bihotzean sortu, eta ez bihotzean hil, beherago baizik. —Berdin zait!! —erantzun zuen oihuka Luc'ek. Ez zaitut ez maite eta ez nahi! Gure artekoa betirako bukatu da! Ba zekien hau Elsa'k. Baiña hortara entzun zuenean, lehenengo aldiz ikasi zuela esan zitekean. Ba zekien, bai, egia garratzak jakin ohi diran eran. Irakurria zuen amai hura Luc'en begietan. Luc'en jokabide lotsagaldua ez zan apalkiago mintzo; aspaldidanik nabaitzen zuen, bestalde, biak batera oheraturik ere, Luc'en zurrunga aspergarriak ez zirala iñoiz luzatzen; eta hitz legunak eta besarkada beroak aspaldidanik, txit aspaldidanik, beretzako bukaturik zeudela. Halaz ere, aurrez-aurre eta buruz-buru senarrarengandik hitz horiek entzuteak, min ikaragarria eman zion: eta bertan, belaun-koskorrek abandonaturik, erortzeko bildurrak hartu zuen. Maiñu-gelara jo zuen, barnetik kisketaz hetsiz. —Ni gertu nago, halere —ekin zion kanpotik Luc'ek— itxuraz orain arte bezela jarraitzeko... Aditzen duzu?... Zure gurasoek eta lagunek bestela problema haundiak ekarriko dizkizute. Emakumeok, bestalde, usuago begiratzen diezute itxurari eta esamesei, egiari baiño. Bertuterik gabeko entzute ona nahiago duzute, entzute onik gabeko bertute mardula baiño... Ez dakit aditzen nauzun... Nahiago duzun bezela, beraz. Aukera zazu. Nik, bestalde, egia esatea nahiago duzun ezkero, danen berri emango dizut: nor maite dudan, zertan nagoen berarekin, zein teknika zaion atsegiñen, dana beraz... Nere pausu guziak ezagutuko dituzu, nahi baduzu. Nik aginduta. Zuk nahi duzun bezela... Ate atzetik ez zan zipitzik entzun. Ezer igar ez zedin, musuzapi bat hertsiki hortzen artean heldurik, ixillik irauten saiatzen zan Elsa, ez beti arrakasta berberarekin: zotin izuti batzuk salatzen zuten. Hozki esan zion hau guzia De Potter jaunak, aurretik uste izan zezakean baiño hozkiago; eta sukarraren ondoko laxatasun zoriontsua nabaitu zuen gorputz guzian: larru azala freskuago zitzaion gau hartan, eta bere burua ariñagotzat zeukan. Elsa ordu erdi batez maiñu-gelan zai egon ondoren, oheratu egin zan. Luc lotan zegoen lasai. *** Elsa'k ez zuen Luc'ez ezer jakin nahi. Hasieran baietz uste zuen; eta Luc'en proposamendua onartzekotan egon zan: Luc' ekin segi, eta danen gaiñetik egia osoa, mingarri izan arren, esan zizaiola. Baiña laister somatu zuen ezetz: eziña zala, egoera berriari jokabide berri bat zegokiola. Ez zuen ezertarako ikusi behar: nahiz hau batzutan gogor gertatu, nahiz barne-muiñetan senarrarengana joan nahi izan zenbait aldiz, nahiz leherturik ere. Ikusi ere ez. Kitto. Hauxe iruditu zitzaion helburua azkenean. Ezer galdetu beharrik ez izateko, zorrik txikienik ere ez izateko, bere senarrarekin ez iñoiz egokitzen saiatzen zan, ez iñoiz ere agurtzen, ez iñoiz hitzik batere esan behar izaten. Luc'en bildur bide zan. Zergatik bildur? Ez zekien. Ez zan ausartzen ezta hortaz pentsatzera. Baiñan ez zuen ikusi ere nahi, ez zuen berarekin mintzatu nahi, ezabatu egin nahi bide zuen oroitzapena; ez bide zitzaion iruditzen beste biderik izan zitekeanik zauri ikaragarri hura sendatzeko. Ahaztu, berriz hasi, berriz jaio ahalean. Baiña funtsean, eta Elsa ez zan huntaz ohartzen, ez zuen bere burua sendatu nahi, ez hau denen gaiñetik behintzat: Elsa'k zigortu egin nahi zuen Luc; ez ikusiaz eta ez kasorik egiteaz, Luc'engan pentsatzen zuen, zauritzeko itxaropen izpi bat irazeki nahi zuen. Ifernua mundu huntantxe izan zitekeanik ez zuen Elsa'k siñisten. Ez mundu huntan eta ez bestetan, Elsa'k ez baitzuen ez kristau federik eta ez erlijio-kezkarik. Bere gurasoen etxean, Jemappes'en, ez zan sekulan entzun «Jaungoiko» hitza birau egiteko ezpada. Bere aitak zionez «Jaungoikoa balego, putaseme bat izan beharko luke; baiña putetxeak burgesek sortu dituzte langilleen alabez ornituz. Beraz Jaungoikorik ez dago». Harrigarria zan alde huntatik Elsa'ren axolagabetasuna. Zergatik ote zan etxekoia eta fidela? Gogotik farreragin zion Luc'i aspaldian: «apaizak eta frailleak, entomologoak zaizkit; eta ulertzenago nik xomorroak biltzea arimak salbatzea baiño». Baiña kristauen ifernua Molière-kalean ezagutu zuen. Eta ifernuan kiskaldu ez baiñan izoztu egiten dala jakin zuen: «Oker daude kristauak puntu huntan ere», pentsatu zuen. Atzeko gela txikian txukundu zuen bere bizilekutxoa Elsa'k, eta giltza bat erantsi zion ateari. Bestean, ordurartekoan, Molière aldera leihoak zituen hartan, Luc gelditu zan. Zer hartuko, eta zer utziko gela hirukoitz nagusian? Banaketa egitean, hautsez beterik eta zoko batean konturik gabe pillaturik, lau urte ezkeroztik entzuten ez zituen diskoak topatu zituen, usteltzen abiatuak itxuraz. Banaka-banaka begiratu zituen maitasunez eta urruti-miñez, eta izenpuru bakoitzak landare-usai berezi bat zekarkiola zirudien: Grieg... Roussel... Bartok... Beethowen... Debussy... Beste pillo hestuago bat begiratzerakoan irribarre egin zuen: Marino Marini... Domenico Modugno... «Piove»... «Romantica»... «La più bella di mondo»... Hasperen bat irten zitzaion barne-barnetik: «Ma Chaumière»... Dieweg-kalea... Zenbat urte jadanik! Eta zein urrun eta ezeztaturik orduko itxaropen... guziak!!». Eta tentaldia ezin gainditurik, begien aurrean zeukan disko bat jarri zuen «pick-up»ean. Silloi batean exeri zan, burua eskuen artean izkutatuz, eta negarra ezin idukirik entzun zuen, hitz bakoitza dastatuz: «Si les fleurs qui bordent les chemins se fanaient toutes demain, je garderais au coeur celle qui s'allumait dans tes yeux lorsque je t'aimais tant au pays merveilleux de nos seize printemps. PETITE FLEUR d'amour tu fleuriras toujours pour moi»... «Sidney Beckett! Hilla, baiña neretzako hillezkor!»... Nolako atsedena hartzen zuen Elsa'k negar ugari haiek ixuritzean! Begiak diztiranteago, begirada erromantikoago, edertasuna bera urrunago, Elsa Scheelen maitasunaren iturri garden oparo berbera bihurtu zan momentu hartan, XX-gn. mendeko Artizar berria, bihotzen zirragarri, penarik gogorrena eta amodioaren guna, gauza berbera balira bezela. Hamar bat miñutuz negar egin zuen, gogotik, zotinka, hasperenka; eta berriz jaiki zanean, lasaiago bide zegoen, ia-ia pozik esan liteke. Lekurik ezaz azkenean, eta «biena» izandakorik ezer gelarara ez sartzera deliberaturik, berriz pillatu zituen berrehun diskoak, eta bazkaldegiko zoko berean utzi zituen, itxuraz lau urte haietan barrena bezin ahazturik. Hauxe izan zan Elsa hunkitu zuen bakarra. Gaiñerako guziari «agur» esatea, ez zitzaion oso garratz gertatu. Egia esan, gaiñera, hantxe gelditu zan, ganberaren ondoan. Debekatua, baiña agerrian: gaitz-erdi. *** Gauetan eta aste-bukaeretan zegoen beretzako istillu bakarra. Astegunetan goizean goiz «Moderne»-garajera joaten zan Luc, Waterloo-Galtzarara. Hiru langille zituen bere zerbitzuan. Elsa, beranduxeago, De Rijke'rengana. Luc oso berandu oheratzen baitzan, ez zuten gauean ere alkar topo egiten. Aste-bukaeretan zaillago izaten zan; baiña gehienetan ez zuten alkar ikusten: larunbatetako gaua, batez ere, oso gutxitan pasatzen zuen Luc'ek Molière-ko etxean. Elsa'k ez zuen ondoko hau behin ere aitortu, eta ez sekulan aitortuko ere: bihotz ondoan astegunak jaiegunak baiño maiteago zituen. Alde batetik De Rijke'ren kontsultazioan ahaztu egiten zan bere egoera hitsaz; eta bestetik, gauean, ezin loak harturik esnai zegoenean, poz izkutu eta zorrotz batez betetzen zan bere bihotza Luc'en oinkadak entzutean. Ez zuen ikusi nahi, gorroto uste zuen bihotzaren erditik, hau guzia benetan; baiña, nola ukatuko, gaueko bakardadean pozgarri zitzaiola oso giltza-soiñu hura entzutea? Elsa'k, behin xoilki, gurasoen etxean pasa zuen «week-end» bat Abenduaren hasieran; eta hortarako, azalpenak eman beharko balitu bezelaxe, ipuin oso bat asmatu zuen estakuru: ganbioi baten billa joan behar izan zuela Luc'ek atzerrira, eta abar. Baiñan amak ezer esan ez bazion ere, zerbait somatu zuela gauza ageria zitzaion Elsa'ri; eta geroztik bildur zan Mons'a agertzeko, eta ez zuen bihurtzeko kemenik. De Rijke dentistak, bestalde, ez zion ezertxo ere galdetzen. Halere ageria zan Elsa ez zala lehengoa, bere eskuak nagiturik zeudela, bere begirada mutu bihurtu zala, lausokor eta argigabe. Bien arteko ixiltasun harek, hartara, De Rijke'ren susmoak izkutatu nahiz salatu egiten zituen. Afal aurretik Elsa'k irratia piztutzen zuen, eta ezin jasan zituen musika-mota batzuk baizik: «ye-ye» dalakoa, «jazz» berri batzuk, eta horrelakorik. Beste guziek sendiberegi uzten zuten, pentsakor, kezkatsu. Sekulan baiño sakonkiago maite zituen Debussy, Ravel, Roussel, Dvoraks; baiña, hain zuzen ere, jasan eziñak zitzaizkion: taupada bitxiak hasten zitzaizkion bihotzean, eta neke berri bitxi bat; eta itzaldu egin behar izaten zuen. «Malenkoniaren seme da Artea; ez etsipen guzizkoarena», zion maiz. Erritmu haundiko gauzak nahi zituen horrengatik; eta batzutan dantzan hasten zan, gela txiki hartan bera bakarrik, denbora luzeaz, guztiz nekatu arte. Gero oheratu egiten zan, eta ezer seriotan ez pentsatzen saiatzen zan Harropen gorabeherak aztertzen zituen illunpean, sapaiera so, xehetasun guztietan. Biharamuneko janari-kontuak eta erosketaren gora-beherak ere gogoeta-gai egokia zitzaizkion. Luc bururatzen zitzaion nahi baiño maizago, baiña ahaztutzen saiatzen zan berealatik. Lizunkeriarik ez zitzaion ia iñoiz bururatzen, nahiz ohe txiki hartan bakarrik egon, eta zazpi urtez (legez bederen) beti gizon baten ondoan lo-egin izan. Halere, eta askotan egiazki nekatuta egonik ere, ez zuen beti errazki lortzen loak hartzea. Bost miligramotako «Beller- gal» pikorrak gero eta maizago hartzen zituen. Ezker aldera etzanda arnasa gaizki hartzen zuela iruditzen zitzaion, eta beti eskubi aldera jartzen zan, leihora begira. Sukaldea eta maiñu-gela erabiltzen zituen egunez, egia da. Baiña bere etxea bestea zan: bere logela txikia, alegia. Paretetan foto eta tarjeta asko zintzilikatu zuen, eta mahaiñaren gaiñean barne-landare bizi berde batzuk ipiñi zituen apaingarri. Luc'en erretratu haundi bat han zegoen, Dieweg-kaletik aldatzean zintzilikaturik; eta laister atera zuen, eta bazkaldegira eraman. Luc'en karneta-argazki kaxkar bat ba zeukan, halere, I957-ko udaran, Knokke'ko gertakariaren ondoren «bihotzez» berari Luc'ek eskeiñia; eta hau, zergatik ez zekiela, patrika gorrian eraman ohi zuen, iñork sekula aurkituko ez zukean tarte berezi batean; beti, halere, norbaitek aurkituko ote zuen bildur, hura eraman ohi zuela jakin zedin lotsaz edo; baiña, iñoiz argazkia ez begiraturik ere, beti ere han, patrikan, tarte berean gorderik. Hasieran, ohiturari jarraituz, «Ekla» garagardoarekin afal tzen zuen (bazkaldu De Rijke'ren kontsultazioan egiten zuen, bezperaz gertatutako txikikeria batzuk bertan janez); baiña, behin ere pentsatuko ez zuena: garagardoa «hotza» iruditzen hasi zitzaion, eta 1966-eko hasieratik gutxi gora-behera, ardoa edaten hasi zan: «Troisfontaines», «Azpilicueta», «Beaujolais»... Bere poltsikuaren araberakoa aukera. «Neure etxean katibu»... Eta iribarre egiten zuen. V Egunik gogorrena, dudarik gabe, Gabon-gauekoa izan zitzaion. Elsa'ren etxean Gabon-gauak ez zuen sekulan izan kristau kutsurik batere: Mons ondoko etxe hartan ez zegoen ez Jaiotzarik ez Noel-Zugaitzik, Noel'en Zugaitza bera kristau kutsukoa baitzitzaion Elsa'ren aitari: «Ipuiñak —esan ohi zuen Joseph Scheelen'ek— hobe luteke apaiz eta fraille alper horiek birjiñen ipuiñak alde batera utzi, eta gurekin mia-leizeetara jetxi». Abenduaren 24-ean familia guzia bildu ohi zan Scheelen'en etxera. Ez zan zailla hau lortzen. Elsa alaba bakarra zan. Hélène Auquier —Scheelen'en andrearen ahizpa mutxurdiña— Châtelet'etik etorri ohi zan, eta bere azkeneko «amoranteen» arazoak kondatzeko ez zan herabe (eta hau itsusia eta 68 urtekoa izaki! ): alegia, nola zetorkion agurtzera arrastirian ez dakigu zein agure, beti irribarrez omen; nola beste senton bat exeri ohi zan bere ondoan elizaren ondoko aulki batean, berarekin berriketa egitera; eta abar, eta abar. «Arrakesten» zerrenda ez zan bereala bukatzen: hura Brigitte ezezaguna! Izeba Hélène'k alaitzen zituen, egia esateko, bere zelebrekeria haiek zirala bide, afal ondoko solasak. Soignes'tik etorri ohi zan, azkenik, Jacques Scheelen postaria, Scheelen'etan anaia gehiena, Monique izebarekin (gaur gaixo hau alargun): biak ez beste iñor Soignes'tik, seme-alabarik ez baitzuten. Afarira joan ohi zan ere, senitartekoa ez izanik ere, Agostini siziliarra, mia sakonetan ondoko langille, berrogei urteetan orduan, eta aspaldi hartan Belgika'ra etorria. Horra hor «zazpien familia»: «familia kidetasunak ematen baitu, eta ez jatorriak», etxeko jaunaren hitzez esateko. Ariña izan ohi zan alkarrizketa, burgesiaren kontra hitzegitea debekatua zan ezkero; eta afaria aztuna, egiazko oturuntza ugari bat. Ardoa eta garagardoa ez hurriago; eta kartetan gero partida-sail bat, sos batzuk arriskatuz. Besterik ez. Nola pentsatuko zukean Elsa gazteak afari xinple haietaz urruti-miñez oroituko zanik? Baiña Molière'ko sasi-ostatu hormatu hartan («etxe» deituko ahal zaio halako saizulo bati? ), joandako guzia billakatzen zan amets zoragarri. Eta ziñez esan zitekean Péguy'rekin: «O Peine, assise au seuil du dur foyer, O Peine, seule epouse dans la maison»... Azkeneko aldiz 1962-an izan ziran Mons'en. Eta urte hartan trixte xamarra gertatu zan billera, danen oroimenean Soignes'ko osaba Jacky'ren hutsunea nabarmen baitzegoen. Urrengo bi Eguberrietan (Luc'ekin pasa zituen bi azkenetan beraz), Antwerpe'n egon zan Elsa, Van Geenk'en etxe dotore zabalean. Jemappes'eko afariekin gonbaraturik, oso afari desberdiñak hauek. Antwerpe'n ba zegoen kristau usaiña, kristau kiratsa bederen, farisaukeria hartan kristau fede arrastorik ez bazegoen ere. Gauerdiko mezatara joan ohi zan jende elizkoi hura, esate baterako, janariak eta edariak zerrepeldurik; eta mezaren ondoren, jateari eta edateari jarraitzen zioten. Hizketa-gai bakarra diru-kontuak ziran: ekonomia, negozioen gorabeherak, azken erosketak, amerikarren lantegi berriak Lie- ja'ko autorrutaren ertzeetan, eta abar. Ez elizan eta ez Van Geenk'en etxean Elsa'k ez zuen erdia ere ulertzen. Flamenkera entzun behar harek nazkatu egiten zuen: farragarri ere iruditzen zitzaion hitz ezagun askoren akabera flamendarrek nola «aldatzen» zuten; Elsa'ren ustez, «frantsesetik berezi nahi eroan». Jende asko bildu ohi zan hara: hogei, hogei ta hamar bat lagun: Waloniar bakar bakarra Elsa zan. Luc'ek sarri uzten zuen Elsa senide arrotz haien artean, atsekabe izan zekiokeanik pentsatu ere gabe; eta Elsa'k giro hartan nabaitzen zuen bereziki bere senarra beste mundu bateko seme zala: diru-maillaz, pentsakeraz eta hizkuntzaz. Antwerpe'ko billera hartan gertatzen zitzaion mintzatu eziña, bere egoeraren irudi zuzen-zuzena iruditzen zitzaion. 1965-ekoa, halere, okerragoa izan zan Elsa'rentzat. Ez zuen hunek bere gurasoen etxean ezer aitortu nahi: zertaz lotsaturik ez izanik ere, lotsa zan puntu huntaz; eta bera bakarrik Jemappes'era agertu ezkero, noski, Luc'ekiko saltsa guzia agiri-agirian paratuko zuen amak, zenbait astez lehenagotik zerbaiten susmoa hartua baitzuen. Kalez kale ibiltzerik ez zeukan, bestetik: egun hortan bereziki, eta emakume bakar bat gutxiago. Bildur zan, azkenik, Luc bere gelara ager zekion Molière'n gelditzekotan: ez zuen hau iñolaz ere nahi. Gela txikian sarturik, giltzapeturik hobe, baillara ez bestera so, bildur zan oso; bere buruaren bildur baitipat. «Bellergal» mordo bat hartu, eta luzaz lo egiteko asmoa bururatu zitzaion; 26-a arte, esate baterako, kolpe batez; baiñan ez zan ausartu. Hiltzeko bildurrak ote? Ez, ez. Munduari on deritzatenak ez beste dira heriotzaren bildur; eta Elsa etsia zan biziaz, barnetik hustuta, danaz arrunt gogaituta. Zergatik, beraz, hiltzeko bildur? Etorkizunik gabekoen emazte laztana da heriotza. Beste gauza batez bildur zan: beharbada lozorro sakonean eror, edo beste edozein harrigarritan, edozergatik saizulo ixil hartan bere burua nabarmen; eta Luc konturatzeaz, Luc'ek hortara Elsa'ren etsipenaren etsia jakiteaz, egia Luc'en begietan agertzeaz. Zurrunga bitxiak kanpotik entzutea aski litzake, esate baterako, ateaz bestaldera orro harrigarriren bat, antsia bat Elsa'ren arnasa larrian, edozer. Eta hori gertatzera, Luc gelara indarka sar, salbatzaille gisa, bizia bera Luc'i zor izan azkenean! Bizi-higuiña oharkabean sala, eta batera mesede bat eskertu behar... Etxearen alogera eta argia eta ura eta gaza, dana, Elsa'k ordaindu zuen Azaroan; eta Luc'ek erreparatu ere ez itxuraz. Nahiago hau, halere, zorrik txikiena, hobaririk apurrena ixtimatu eta ordaindu behar baiño. «Bellergal» en ordez «Martini» gorri botilla pare bat erosi zuen, mozkor «demas» eta oso bat harrapatzeko delibero irmoan. Azken bolada hartako ohiturari jarraituz, afari arin bat egin zuen: lata kaxkar bat «tartine» mehe batekin, eta platano bakar bat. Eta «Martini»ari eman zion: baso bat, eta beste bat, eta hirugarren bat, hirurak gaiñezka beterik. Irratia piztu zuen, eta dantzan hasi zan. Musika alaia zitzaion, «rock» asko beharrik; baiña tristura illun bat gainditzen hasi zitzaion. Hau garaitu nahiz, ekin egin zion edateari, eta berotasun eramangaitzez bete zan: —Nork nahi nau? —entzun zitekean irratikako musikarekin nahasturik. Eta farre egiten zuen algaraz, eta mogida lizunak egiten, ez hurri; eta dantzari ekiten zion. Lehendabiziko botilla bukatu bezin laister, bigarrena ideki zuen; eta, ahal zuen modura, gero eta nekezago, burua gero eta galduago, dantza eta dantza. —Ez nau iñork nahi? Gizon guziok zerate bildurtiegi! Leihoa zabaldu zuen, eta haize hotza sartu zan tartetik. Leihoan gelditu zan Elsa, azkenean hatsarturik. Baillako lurra bustirik antzeman zuen, eta hezatasun sarkorra. —Toujours de la flotte! J'en ai marre! —egin zuen karrasi zorrotz bat baillan. Erantzunik ez iñundik. Atzera egin zuen, eta konturatu orduko ohean exerita zegoen. Tristura danari gaillentzen zitzaion, marigoran olatuak haurrek hondartzan eraikitako ontziei bezela; eta berotasunarekin batera gora zijoan. Beroak kiskaldurik, etxe-zapatak erantzi zituen, jerseia eta gona urdiña kendu, eta berriz jaiki zan, oso nekez, gaiñerako harropa arin hura ere gehiegizkoa zitzaiolarik. Baiña zerraldo erori zan, eta ia billuzik alfonbraren gaiñean loak hartu zuen... Biharamunean, buruko oiñaze ikaragarriaz minduta esnatu zan. Irratia piztuta zegoen, baiñan ez zan ezer entzuten: zirudienez, mahaiñetik eroria zan. Egunargia kanpoan. Gelan hotz izugarria: besoak, iztarrak, sabela bera, muiñetaraiño izoztuta. Elsa dar-dar, ezin eskuratuzko ikaran, 41 gradotako sukarrak hartua balitz bezelaxe. Leiho-alde bat guztiz zabalik. Bere burua begiratu zuen, eta izutu egin zan: «itxura ederrean iku-i naute hauzokoek». Ahoaren ondoan, alfonbran, tatxa haundi itsusi gorriska bat ageri: konturatu gabe, erruz oka egin zuen gauean zehar. Nolako kiratsa danari! Nolako hotza hezurretan beretan! Nolako buruko min bortitza batez ere! Jaikitzen saiatu zan, baiña zorabio batek joa berriz erori zan. Estali egin nahi zuen bere gorputza, baiñan eskuarrean deus ez. Bere besoaren azpian hotz heze berezi bat nabaitu zuen: bere okaegiña zan, arras hoztuta. Usaitzeko burutazio zorigaiztokoa izan zuen, eta goragaleak berriz etorri, eta alfon- bran botatzen hasi zan berriz, oiñaze bizitan, behazuna esteetatik beretatik atera behar bazitzaion bezela. Aurtiki ahal zuen guzia, agiri zanez, han zan, alfonbran. Behazunezko zurrutada garratz bat egin zuen, eta gero beste bat, eta... Zein galesti kobratzen zion gorputzak bezperako atsegin apurra! Azkenean, laugarren edo bosgarren saialdian, leihoraiño iritxi zan zabuka, eta hetsi egin zuen. Nolako buruko miña! Nolako hotza! Elektrika-berontzia ere piztuta zegoen, bai, eta gori-gori; baiñan ez zirudien, benetan. Bi aspiriña irentsi zituen urik gabe, alasan zeuzkan jersei guziak gaiñean jarri zituen, eta hiru gona ere bai, berriz bata bestearen gaiñean. Ezin berotuko halere?... Gela hirukoitz nagusira irten zan: Luc'en arrastorik ez. Sukaldera joan, eta esne eltzeto bat surtan jarri zuen. Eta mingaiña kiskaltzen zitzaiolarik, zurrutada batez edan zuen. —Eta hemendik astebera berriz istillu berbera? Ez horixe... Urte-Zaharrean, bestalde, gutxiago nabarmenduko naiz kaferen batera bakarrik joan arren. Eta hala egin zuen. *** Moltsaren aldera jo zuen zazpiak aldean; eta ordubetetsu guzietan aldatuz, kafetik kafera aldatu zan gaueko hamabiak entzun arte. Leku guzietan dantzan ikusi zuen jendea, urtebete galdua ospatzeko nunbait; eta dantza-egin-behar zentzu- gabe harek Zorba Greziarraren azkeneko dantza burugabe hura gogoratu zion: «dantza egiteko arrazoiñik ez dugunean hain zuzen erabakitzen bide dugu dantza egitea geure buruari eta geure tristurari iseka egin nahi bagenie bezela». Bi aldiz atera-arazi nahi izan bi gizonek, milla losentxa eta aitzakia asmatuz; baiña norbaiten zai zegoela esan zuen Elsa'k bietan, eta paketan utzi zuten. Etxerakoan ez zeraman irteeraz kutsu txarrik. Eta burutazio bat izan zuen: «Zergatik ez bakarrik joango ni neu Andaluzia'ra? Nork debekatuko dit? Luc'ek?... Bakarrik joanik ere eguzkia hantxe aurkituko dut; eta ba dut horren beharrik. Zergatik aspertuko, bestalde? Nork daki? Gaur ez dut gaizki pasa». Vleurgat'eko «International School» era bihurtu zan berriz urrengo astean: —Barka nazazute: lan haundiegia izan nuen orain dala lau hillabete, eta horregatik ez nintzan hasi. Hitza jan nuen, eta damu dut ez etorria. Oraingoan etorri egingo naiz, benetan. —Ez duzu azalpenik eman beharrik, andrea. Zeure kontua da noiz hasi nahi duzun. Liburuak miatu zituen, eta bereala ekin: —Bai, hemen ikusten dut: De Potter andrea. Irakasle: Loza jauna. Astean bi aldiz. Hortantxe zaude oraindik? —Bai, bai: ez naiz iritziz aldatu. Handik irtetzean Espaiñia'ri buruzko «Guide Bleu» dalakoa erosi zuen. Ba zeukan aurrerakoan gauetan zer irakurririk eta zertaz amets egiñik. VI —Buenas tardes, Sra. De Potter —esan zuen Loza irakasle ñarro beltzaranak. Eta besoaz bere nahia argituz, eta hitzak poliki-poliki emanez, bigarren herrenkadan exeritzeko eskatu zion Elsa'ri. Ikasle guziek batera frantsesez azaldu zioten egin behar zuena. —Milla esker —esan zuen Elsa'k pittin bat ez-erosorik. Gela txikia. Eskuin aldean Espaiñia'ko mapa bat eta arbela bat, guztiz beltz hau, izkriburik batere gabe. Hamar bat mahain, bi lerrotan jarriak. Sapaia oso gora. Ezkerraldean, Vleurgat-galtzararen aldean, leiho zabal bat. Lau emakume eta gizaseme bat aurrean, eta beste gizaseme bat atzean. —¿Ha comprado ya usted el libro que seguimos aqui? «II vous demande si vous avez déjà acheté le livre du cours», entzun zuen Elsa'k bi aldetatik. —Ez, ez dut oraindik erosi. —Jar zaitez nere ondoan —esan zion irribarrez atzeko herrenkadako gizaseme batek, flamenkerazko doiñu nabarmenaz. Konturatu orduko Elsa exeria zan hunen ondoan: —Arratsalde on, jauna, eta anitz esker —esan zion aurreko ikasleak berriz ere aurreruntz begiratzen zutela ikustean lasaiturik. —Vanden Broeck deritzat, Jean Vanden Broeck. Eta zuri? —entzun zuen ahapeka. —De Potter andrea neri. —Atsegiñez ezagutu —erantzun zuen Vanden Broeck'ek. Liburura begiratzen zuen Elsa'k, gauza haundirik ulertu gabe egia esateko; baiña Vanden Broeck harek ezta hori ere. Elsa ia-ia lotsatua zan; eta Loza jaunari laguntza eskean begiratzen zion. Ordubete hartan ezer gutxi ikasi zuen Elsa'k, noski; baiña are gutxiago Vander Broeck'ek, hunek bere eskolakide berria baizik ez baitzuen begiratzen. —Nik laguntzea gaitzi zaizu? —galdetu zion irtetzean hogei-ta-hamabost bat urtetako jaun plantako harek. —Ez, ez. Ez zait gaitzi. Molière aldera noa ni. —Ongi da. Lagundu egingo dizut. —Ezer konprenitzen duzu Loza'k hitzegiten duenean? —Gaur ezer ez! —Eta biak farrez hasi ziran. Espaiñiar hizkerari buruzko zailtasunaz mintzatu ziran; gero Espaiñia'ri berari buruz, eta gero ordurarteko beren biziez. Harrituta zegoen Elsa etxera sartzerakoan. Harrituta zeren ordu erdi batean Vanden Broeck ez-ezagun haren bizieraz eta izaeraz asko ikasi baitzuen; eta areago, axalez bederen, Vanden Broeck'ek Elsa'renaz. Nola hori? Ez zekian. Aspaldidanik ezagutzen bide zuten alkar. Vanden Broeck holandarra zan, ezkongai, eta Amsterdam'en bertan zuen etxe bat. «Philips»ek Belgika'tik Txile'ra bidaltzeko asmoa zuela, eta espaiñeraz ikasteko agindu zion. Hillabete hartantxe hasia zan, hain zuzen, ikastaroa. —Ezin ederragoa zera, benetan —esan zion ausarki Vanden Broeck'ek Molière'ko etxe-aurreko burdin-hesian. —Ez da nere errua. Jaungoikoak hunelakoa egin nau —asmarazi zion Elsa'ri ateka hartatik jaregin nahiak. Vanden Broeck'ek ez zuen ezer erantsi, eta agur esan zion. Baiña zutik gelditu zan hantxe, eta Elsa sotora sartu arte begiratu zuen zirkiñik egin gabe. Elsa pozik zegoen. Adiskideago agertu zitzaion gelatxo bakartia bestetan baiño. Eta ez zuen Luc'en giltza-soiñua entzun loegiterakoan. *** Otsaillaren 18-an illun eta hotz arratsaldeko zortziak eta hamarretan. Ostirala. Elsa'ren ganberako atean norbaitek deitu zuen eskuaz. —Nor da hor? —Elsa' harriturik galdetu. —Luc naiz. Zurekin hitzegin nahiko nuke. Elsa'k ispilluan begiratu zuen bere burua: bere illea narratx iruditu zitzaion, eta bere masaillak zurbil. Bi eskuez ariñiketan ferekatu zuen aurpegia. —Ideki zazu atea, arren —ekin zuen Luc'ek. Elsa'k ez zekien zer erantzun. «Bai itsusia nagoela gaur!, esan zuen ahapeka. «Hau zorte txarra!». Eta illea pittin bat orraztu zuen. «Luc? ?»... —Bai. Ba noa. Nola ideki zuen? Zergatik ideki zuen? Ez zekien. —Gabon, Elsa. Aspaldi huntan! Zer egin ohi duzu? Ez zaitut iñoiz ikusten. —Hori esan behar zenidan? —erantzun zion Elsa'k zakarki, atea erdizka baizik zabaldurik ez zeukala. —Ez, ez. Gauza asko nahi dizut esan. Goazen hor nunbait alkarrekn afaltzera. Goazen «Wagner»enera, Grand Place'n esate baterako. Ez zera gogoratzen? Ez zan Otsaillan, baiña... Bihotzean zauskada bat nabaitu zuen Elsa'k. Ezetz esan behar zuen, eta ez zuen «ez» esan. —Han berandu arte afal diteke, eta orain zerbitzari dagoen alemaniar emakumeak ezagutzen nau. Min eman zion xehetasun hunek Elsa'ri; baiñan ixildu egin zan: «aitortzen ez duena okerrago da hau baiño». —Brugge'tik egun hartan itzuli giñanean berandu zan... Geroztik zazpi urte, Elsa... Erdiko Geltokian jetxi giñan hamar t'erdiak aldean, eta han afaldu genuen. Hantxe galdetu nizun... —Bai, ixo arren! Barne-poza berriz ezin izkutaturik, ahalik eta hotzenik agertu nahi zuen Elsa'k, eta atea ez zuen osoki zabaldu. —Zer, Elsa? Bai ala ez? —Ongi da. Emaizkidazu hamar miñutu. Eta maratillaz hetsi zuen atea. Jazterakoan galtzerdi bat urratu zitzaion, eta atzeko botoiak oso nekez lotu. Hura eziñegona! «Luc'ekin berriz?... Nork esango atzo berean?». Otoitz egin nahi zuen eskerrak emateko, baiña nori ez zekien... ...«Wagner»enean jende gutxi zegoen; eta Grand Place'n iñor ez, ezpada «Roi d'Espagne»tik sartzen eta ateratzen ziran gazte taldeak. Leihotik ezer ikusgarririk ez zegoen ezkero, atzeko aldera jo zuten De Potter senar-emazteak, barraren ondoko mahain txiki batera; eta, Elsa'k hala eskaturik, aurrez aurre exeri ziran. —Proposamendu bat egin nizun nik orain dala lau hillabete. Ez dut sekulan erantzunik izan. —Zein? —Egia osoa jakin nahiago bide duzu, egia zenbait aldiz garratza izanagatik ere. Nere berri zuri kondatzeko gertu nauzu. Jakiñarazi egin nahi zizkion Luc'ek bere gorabeherak, bere maitasunezko balentriak eta arrakastak. Huntaz bere emazteari hitzegitea ez zitzaion gogorra, atsegiña baizik. Emakumeak berak maite zituen Luc'ek, dudarik gabe, jostailluak haurrek maite dituzten bezelatsu. Ez zuen iñoiz pentsatzen, esate baterako, emakume bat beregatik benetan zorigaiztoko izan zitekeanik. Maitasun-samiñak olerkarien belaskeria hutsak iruditzen zitzaizkion, maitasunean haragiaren atsegiñaz kanpo ezertxo ere somatuko ez balu bezela. Emakumeengandik lortzen zuena Elsa'ri kondatzea, hildo berean, kilikagarri zitzaion, atsegin mota berri bat, sadismo zantzu bat. Atsegiñaren billaketan, beraz, emakume bat atsegiñez eta beste bat atsekabez betetzea bururatu zitzaion. Pozik haundiena, beraz, Elsa'ri dana xehetasunez, haragia asaldatzen dituzten xehetasunez batez ere, azaltzea zitzaion. Emakumeen bihotzaz jabetzea hutsa zitzaion, «ipuin» bat; haragiaz jabetzea, hobe baiñan ez aski; denbora berean beste bat sofriaraztea, egiazko betetasuna. Proposamendu hura, hitz batez, ez zuen Elsa'ren interesetan egiten, bere buruarengatik baizik. —Suzanne'ri buruz hitzegin nahi didazu beraz? —galdetu zuen Elsa'k alegiazko mespretxuz. —Hura aspaldi bukatu zan. —Nola aspaldi? Aspaldi eziña da. —Egia duzu: hiru aste dira. Aspertu egiten ninduen azkenean, eta ez dut azken bolada huntan birrikusi. «Moderne»ra behin eta berriz deitu izan du, baiña behin eta berriz ere ez nagoela esan diote. Nolako aztuna jarri zan! Nere agindua garbi dago: «De Potter jauna ez dago Brusela'n». Zergatik poztu zan Elsa izkutuan? Nun ote zan aurreko asteetan bildutako gorroto-mendia? Bihotzak opa duena siñisten dugu maizegi. Afaria aurrera zijoan, eta Elsa'ren poza gero eta nabarmenagoa zan. Halako batean parre-algara zalapartatsu bat ere geldiarazi behar izan zuen erdi lotsaturik. —Zure tristuren erdian aisa aurki dezakezu pozgarririk, ikusten dudanez —esan zuen Luc'ek. —Nik, ordea, nere atsegiñetan eta menturetan murgildurik ere, egarriak nago, eta illun; eta zergatik biziko ez dut ikusten... «Luc ez da aldatu», pentsatu zuen Elsa'k. Zenbatetan ez zion horrelakorik entzun lehenengo urteetatik beretatik? Zirrara hotz batek astinduta, «Wagner»eneko pareta-lanpara bati so pausatu zitzaion begirada Elsa'ri, gogoetan galdurik... «Ez da aldatu»... ...Igande batean zan... Gaueko bederatziak, euria beti ari; eta Antwerpe'tik Brusela'rako autorruta oso labain... Luc ixillik zegoen. Ixillik zirauen hobe, Porsche'aren gidoiña helduta, arratsalde guzian barrena hitzik batere ez baitzuen atera... —Elsa —moztu zuen ixillunea abots harrigarriaz—. Zugaitz horiek ikusten dituzu, bide ertzetik haraxeago? —Berebillaren markagailluak 140 km/o. —Bai. Zer ba? —Zergatik ez beretara jo? Eta kitto Markagailluaren argi-printzei esker, Luc'en begien diztira ikusi zuen Elsa'k; eta piztia bildurgarri baten begirada antzeman zuen; eta konturatu orduko karrasi zorrotz bat bota zuen. Urrengo xegunduetan zer gertatu zan ez zekien. Porsche berriak jauzi zakar eta bortitz batzuk egin zituen kamiñoaren ertzean, eta handik laister, motorra eta kristal-garbikaillua gelditurik, eta batere argirik gabe, lokamuts batetik geure baitaratzean bezela iratzartu zan Elsa. Zugaitz baten enborra ondo-ondoan erreparatu zuen, bizpahiru dezimetrotara. Berebillaren karrozan tanto lodien «tok-tok» soiñuek xirimiri fiñaren xurrumurru ezti jarraikia eteten zuten... Luc'ek lasai lasai galdegin zuen: «Zergatik egin duzu deihadar hori? Dagoeneko egiña izan zitekean. Izutu egin nauzu, ordea, eta ez dugu jo. Tamala izan da, benetan... Ixtripu bat gehiago, zer axola munduari? Bost lerro «Le Soir»en eta hamabost «La Lanterne»n. Eta gu biok geure buruengandik libro!»... «Ez duzu aditzen? Zer ari zera pentsatzen?», entzun zuen Elsa'k oso urrutitik bezela. —Zer dudan? —Arnasa hartu zuen sakonki. —Ene, ene'. Nolako izua! Burutik egiña zaude? Eroa zaude?? —Elsa'k karrasika. —Zertarako bizi gera gu? —jarraitu zuen Luc'ek lasai. Zer espero duzu ezertatik? Zerk biziarazten zaitu zu? Ez duzu ezta seme-alaben aitzekiarik. Heriotzaren bildurrak? Ni neu aspertu egiten naiz; gero eta sakonkiago. Eta zu, Elsa? —Utz nazazu pakean. Urrengoan, bakarrik joango zera kotxe huntan. Zure burua ziurkiago hiltzeko nahi zenuen Porsche hau? —Bai. Azkar ibiltzeak baretu egiten nau, hiltzeko arriskuak areago. Hiltzeak arras egingo ninduke... —Tira, Luc. Egin atzera, eta goazen etxera: aski izan da gaurkoz. Gauza bat agindu behar didazu. Kotxeak habailla haundian igarotzen ziran autorrutatik, atzetik hezetasunezko aztarna txixtukari bat utziaz; eta bat ere ez zan gelditu. —Heriotzak bizi gaitu, Elsa. —Gauza bat agindu behar didazu: ehunetatik gora ez zerala pasako; bestela... —Maitasuna? Ez da egia. Olerkarien hitzez egiña da. —Agindu zaidazu esan dizudana, ala ez noa... —Haragia? Laister iraungitzen dan atsegin-garra. —Entzun Luc, ala ba noa. —Dirua? Dirua bai. Baiña maitasunik eta haragiaren atsegiñik gabe, zertarako? Beren burua biltzen ez duten agure guziak zozoak eta eroak dira! Elsa irten egin zan Porscbe'tik, eta autorruta aldera joan zan korrika. Bere ondotik, bandik laister, Luc bere berebillan pasa zan atzeraka; eta ezer galdetu gabe, Brusela aldera jo zuen. Elsa'k, illunpe euritsuan, «auto-stop»en kiñuak egin zituen hamar bat miñutuz... ...Luc'en «zergatik biziko ez dut ikusten» hitzak aidean bide zeuden oraindik, oroitzapenaren giro garratzean nahasturik. «Neuk ere ez», erantzungo ziokean Elsa'k gogotik beste edozein egunetan. Baiñan egun hartan ez: —Ez duzu maite. Hori da kakoa, Luc. —Zertan ari zera orain? Debussy'ren soiñu aspergarri horietakoren bat irudimenez entzuten? Ez duzu konponketarik, Elsa: beti ametsetan, beti hodeietan bizi. —Orain harrapatu zaitut, Luc. Oraindik ez ahal zera konturatu gure diskoak aspaldidanik zoko batean pillaturik eta hautsez beterik daudenik? —Irratian entzun dezakezu halere. —Ezin nezake, hain zuzen! Ez zuen jarraitu. Aurreregi zijoala garaiz konprenitu zuen. Luc'ek irribarre egin zuen, eta eskua hartu zion: —Oraindik ere pittin bat maite zaitudala iruditzen zait. Baiñan ez zaitut zu maite, ba dakit; eta zeuk ere ba dakizu. Bekaitz natzaizu, hau bai, bizian siñisten duzulako. Elsa laztu egin zan: «Ni baiño etsiagorik izan ote diteke, hortaz, munduan?»... —Nik bizian siñisten? Gehiegi sofritu dut dagoeneko: nere lillurak listu egin dira, nere nahikundeak hutsean suntsitu. Lokamuts lantsurik ez dudan gauetan, ez dut ametsik batere egiten. Eta hau aspaldidanik. «Ma Chaumière»ko garaietan, ordea, gauez eta egunez nengoen ametsetan. —Ez nauzu siñistuko, Elsa. Baiña zoritxarrekoa naiz aspaldidanik. «Ma Chaumière»ko lehenengo urte hura ken, eta benetan esaten dizut: haizea izan da geroko guzia, axalekoa, ase ala gogaitu nauen atsegin-egarri hutsa. Luc'en eskuaren bero ahaztu hura senditzen zuen Elsa'k, eta azkeneko hitzak ez zituen xuxen ulertu. Vanden Broeck'en irudiak txinparta batek bezela gurutzatu zuen haren barnea, eta ezabatu egin zan. Berebillean sartu ziran goizik, etxerako bidean; eta hitzik esan gabe Luc'ek hertsiki eta ustekabean besarkatu zuen Elsa Grand Place'n bertan. Aspaldi hartan, sekulan ez beharbada, ez zuen hunek halako zorion-dardararik senditu; eta Luc'ek odola zirakiola nabaitu zuen... Molière'ko burni-hesiaren atea eskuaz bultzatu zuen Luc'ek: bustia eta hotza. Ezer esan gabe, bost miñutu baiño lehenago Elsa'ren gela txikian zeuden biak ohe berean; eta biek batera nabaitu zuten argia itzaltzeko behar gorria... ...Noiz ezkero ez zuen Elsa'k halako gau malkotsurik igaro? Ezin esan. Otsailleko ostiral gau hotz hartan siñistu zuen, dana dala, barne-tristura latzak ez baiña pozak ixurarazten dituela negarrik oparoenak. Musutan eta atsegiñetan itotako zorion-malko etengabe haiek ezagutzeagatik, aurreko sofrikari guziak onartu uste zituen. Berriz ere lau hillabete haiek (eta aurrekoak!) jasango zituela iruditzen zitzaion. Nola ordain haIako momentuak? Urruti zegoen Luc emaztearen pozkariotik: «Datorren udaran Andaluzia'ra alkarrekin joango gerala ere, ez ahal diot ba berriz agindu azkenean?»... Harrituta zegoen: zorionaldi hura hondatzen ez zan ausartu: Micheline Degroot'ekiko «flirt» berria xehetasunez eta gaixtoki aipatzeko asmo tinkoa hartua zuen atea jotzerakoan; baiña atsegiñaldi hura lardazkatzea zillegi ez zitzaiola iruditu zitzaion, eta ixildu egin zan. «Hau belaskeria!»... «Beste batean kondatuko diot»... Gau hartan Elsa'ren arnasa geldia entzun zuen bere eskubian, eta ez Micheline'rena ezker aldean. Illunpe ixil hartan, paretetako apaingarriak begiz berezten saiatu zan ohetik, loak hartu eziñik: «Nere foto alerik ez bide da hemen agiri... Emakumeak beti egia izkutatzen»... Ez zuen gela hura ezagutzen. «Besterik merezi ote duk —berekiko esan zuen irribarrez— senar zintzo eta fidel horrek?». Eta loak hartu zuen. VII Hiru egun geroago De Rijke'k garbiki erabaki zuen: —Bihar arratsaldean ez dugu lanik egingo, Elsa. Laurak arte errezebituko ditugu behar gorria duten bezeroak; eta gero kalera. Zer iruditzen zaizu? Iñaute-Motzean jai-erdi bederen! —Neri oso ondo, ba dakizu. Urtero hala egin ohi dugu, eta asmo hori txalotzen dut. —Ezer interesgarririk egiteko asmorik ahal duzu? Nungo iñauteria ikustera zaramazki aurten De Potter jaunak? Eupen' goa? Hasselt'ekoa? Aalst'ekoa? Halle'koa? Binche ez dizut aipatzen: zu Mons'ekoa izanik... Jemappes'ekoa, barka! —Ez dakit, jauna. Iñora ez, nere ustez. Biharko asteartea beste astearte pipergabe bat izango da, nik uste. Eta hau esanda ixildu egin zan. Zerbait bederen jakin nahi zuen De Rijke'k, eta erantzun hori entzunda ba zekien: «De Potter gizatxar horrek ez luke iñoiz nere barkamendua lortuko». Elsa'ren arima beste norabait aldatu bide zan: «Nola siñistu ote nuen nik ezer ostiralean? Esan egin zidan, gaiñera, maite ez nauena, nigan ez duela ikusten atsegiña gaztetan ezagutarazi ziona baizik, gure artean ez dagoela zalantzaren bizigarririk, ahal izanak igartu duela bere griña... Eta larunbat eta igandean han utzi nau. Berriz ere zai, berriz ere alperrik zai, ametsak berriz ere hauts bihurtuz. Enea da errua. Garbi esan zidan-eta beregan ez siñisteko... —Ez, ez De Rijke jauna. Iñora ere ez —erantzun zuen barne-tragedia ezin izkutaturik. *** Astearteko bost et'erdietan agur egin zion De Rijke'k biharamuna arte: —Barka, Elsa. Beranduago da nik uste eta nahi nuena baiño. Zerbait egiteko beta izango duzu oraindik. Ongi izan. Elsa poliki-poliki etxe aldera abiatu zan. Eskallera igo zuen, giltza sartu, eta bapatean harritu egin zan: telebixta piztuta bide zegoen, eta dantza-musika entzun zitekean barruan ataritik. Luc han zan, ez zan dudarik. Nor bestela? Nola ukatuko, beraz, itxaropen izpi bat sortu zala Elsa'rengan, eta laister hazi? «Nere zai ote?»... Giltza jiratu, atea bultzatu, eta bihotzaren taupadak arindu eta asaldatu egin zitzaizkion osagille bat bildurtzeko moduan. Halako zerbait zitzaion infartua lokamutsetan. Bere senarra orduan bizi zan aurreko gelaren atea zabalik zegoen, eta Luc dantzan ari. Urteetan zehar ezkon-gela izandakoa, dantzaleku bihurturik... Nor zuen dantzakide? Elsa'k ez zekien. Ez zuen Micheline ezagutzen. Oso neska gazte batek, hemezortzi-hogei urtekoa itxuraz, Luc'en aurpegiaren kontra jartzen zuen berea, zerbaiten billa urduri ari balitz bezela. Zapatak erantsita zeuzkan, eta ille xerlo luze kirruek bizkar billoizaren larrua estaltzen zioten tarteka. Neskaren jazkera ariña, erazkera deitzea zuzenago, bi pieza soilletan, egokia gerta zitekean udaran De Panne'tik Zoute'rako itsasertzean; baiña Otsaillean, eta Molièreko lo-gela nagusian, ez zeukan azalpen bat baizik: ohe-aurrea zan, eta Elsa ez zan huntaz okertu. Ur izoztu kupela oso bat ixuri bazioten goitik behera, ez zuen halere Elsa'k bizkarrean hotzago sendituko. Zenbat iraun du zuen lokamuts-ikustaldi harek? Xegundu batez ote? Hor nunbait. Salacrou'ren esakuntza bortitza egoki legokioke: «Rien n'a plus de sens, sauf la solitude et la mort». Atea kontuz hetsi zuen, eta haztamuka —eskallerako argi itzalia berriz piztutzeko ideia gogoratu ez zitzaiolako— sotoraiño jetxi zan. —Arratsalde on —esan zion Vanhecke'k, bigarren estaiako hauzokoak, Elsa'ren ondotik pasatzerakoan. Baiñan Elsa'k ez zuen ezer entzun; eta ez erantzun. Burni-hesiko atea zabaldu zuen, barneko alderuntz erakarriz; eta burnia izoztuta zegoela ez zuen erreparatu. Kalea piztuta zegoen, eta noizean behin tranbia baten soiñu urruna entzuten zan. Nora joko? Ezkerretara? Eskubitara? Ez zekien. Ibilli egin behar, hori bai, nora nahi. Heriotza bera berdin zitzaion. Berdin ez: desiragarria, desiratua, hirrikitua bapatean. Lehenengo aldiz egia esateko? Bularrean nabaitzen zuen ziztada zorrotz sakon hura ez ote zan gertuko heriotzaren zantzua? «Hala biz», esan zuen. Eskubi aldera jo, eta Porte-Louise'runtz abiatu zan. Etxeko ikuskaria oroimenean zeukan hiltzaturik, aurrean beti ere; etxe eta zugaitz illarak ikusi beharrean, soin eder, gazte, maitekor, zoriontsu haren larruaren irudia zekusen; Molière'ko pareta sakratu haien artean, nabarmen eta laidogarri, beste emakume bat, bizi baten betiko galgarri. Kaleetan barrena ibilli arren, oiñak hotzik zeuzkan, izoztuta benetan; eta burua aldiz sukarretan. Gaixorik ote zegoen? Ekialde-haize bala fin batek lagundu zuen, beharrik, Porte-Louise'tik Epai-Etxe'runtz galtzara zabala gurutzatzekoan, barneko goragalea hotz hotz hutsez gaindiarazten. Goruntz hartu zuen Waterloo'ko bulebarra. Ezin bere hartan eutsi, eta Nemrod'enera sartu zan, kafe bero bat hartzekotan. Agiriko sutegi hartara so, azkura nabaitu zuen begietan; eta maitale-bikoteek urruntasun-giroa piztu zioten bihotzean, larogei-ta-hamar urteko atso zahar bati sendiaraziko liotekean bezela. Nazka nabaitu zuen bere buruarekiko. Egia, egia garratza, gauza ageria zitzaion: Luc'ena bukatua zan. Ahaztu egin behar zuen bere senar-ohia, ordurarteko biziera latza alde batera utzi behar zuen arras, eta gosta ala gostarik. Ebaki egin behar zuen: hauxe zitzaion bide bakarra. Baiña guztiz hautsi gero: ez gela batean izkutatuz, ez itxurak berak salbatuz, ez bihotz-ondoan itxaropenaren galda ixilpean elikatuz. Ez. Gogorra zan, bai, baiñan eten egin behar zuen, osotara eten; barkatu-nahiaren hauspoa geldiarazi. Eta Luc kanposantuan ehortzia balitz bezelaxe jokatu. Nemrod'eneko zurezko pareta bero illunen artean, eta sutegi hartara begira, hauxe egiteko gauza izan zitekeala iruditu zitzaion. Lehenengo aldiz iruditu, bere ustez: guztiz ebakitzeko lehenengo aldiz gertu zegoen. Gogor jokatzeko egarria piztu zan Elsa'rengan. 1958-etik 1966-era arteko urteak igaroak ziran, bai; eta igaroak izateaz gain, aurrerakoan ahaztuak izan behar zuten. Beste kafe bat eskatu zuen. Bularreko ziztada ematu egin zitzaion, eztarriko lakardura legundu; eta pittin bat horrela bizkorturik Porte-de-Namur aldera jo zuen. Handik, Place Royale'tik arkupeetan behera, erdiruntz abiatu zan, Neuve-Kaleko almazen nagusietako erakustegietan entretenitzeko asmotan. Baiñan emakume gazte haren irudia aurrean zeukan beti, baleak arpoia noranahi daraman gisa. Eta handik nora gero? Ez zekien. Ibiltzeari ekin nahi zion. Bourse'ren ondoan, kafetik kafera zijoan iñauteri-banda batek gurutzatu zuen. Emakume zahar eta gizen alproja batzuk aintzindari, soiñeko nabarretan eta txapel-hegalak buruan, hiru bandera eskuetan, Elsa'ren ondotik pasa zan multzo jatorra: danak, gizonezkoak eta emaztekiak, iñori farragarri gertatzeko lotsatik anitz kilometrotara, dana irri sano eta axolagabekeria. Brusela'ko flamenkera bitxia gehienen ahoetan. «Anderlecht» hitza irakurri uste izan zuen; eta eskean ondoratu zitzaion atso alaiari hogei libera eman zizkion. «Iñauteri», pentsatu zuen. Eta bekaizkeria izkutuaz begiratu zuen talde koloretsu hura, soiñu ikaragarritan Brouckère-Enparantza'runtz urruntzen hasia. Neuve-Kaletik abiatzean iskanbilla eta zalaparta haundiago egin ziran. Supanpak eta gazte-talde kalapitariak usuago agertzen ziran ipar-aldera jo ala; eta konfetiak gero eta ugariago pillatzen ziran ezpaloietan eta galtzaran. Elsa'k irribarre egiten bide zuen... bere buruaz iskirio ixillean nunbait... Iparreko Galeriaren ondoan okerrago jarri zitzaion gauza. Gazte-talde batek Elsa'z arduratzea erabaki zuen: konfeti-eskukadak ugaldu egin ziran, behin eta berriz aurpegira aurtikiak (eta ez beti otzanki!). Aurrera ezin Elsa; eta gazteek ekin eta ekin, beste erantzunen bat jasotzekotan nunbait. Kirru luze batek konfeti-pillo bat hartu eskuetan, eta bortxaz Elsa'ren ahoan sartu zuen. Taldeko gazteak algaraz hasi ziran, eta pakean uztea pentsatu bide zuten. Ez denek halere: —Zaputz oraindik gurekin? Gaur Iñaute-Motza da! Gaur ez dago emakume politentzako ez tristurarik eta ez pakerik. Tori beste hau beraz! Eta hori esanda, supanpa haundi bat bota zuen Elsa'ren oiñetara; erdi bonba bat iduriz. Hau lehertzean, zarata bildurgarria egin zuen, eta gar harrigarri bat lurrean piztu; eta Elsa'k oiñaze-kiñu bat erantsi zion bere aho betearen muzin itsusiari. Eskuaz ikutu zuen txonkatilla: esku-ahurraren berotasunak, miña ematu beharrean, kiskaldu egin zion larrua, eta biziago egin oiñazea. —... putza zuontzako! —esan nahi izan zuen. Baiña hitzak eta konfetiak batera eta nahasturik irten zitzaizkion; eta, etsirik, ixildu egin zan. Txistua botaiaz saiatu zan ahoa hustutzen eta garbitzen. Baiña bere mingaiña itsaskor zegoen. Aho-sapaia, masail-barneak, hobiak, dana, paperez jantzia zan. Konfetiek kilikaturik, eztarriak berak eztul eragiten zion. Hura nazka! Behatzez baliatu behar azkenean... eta ia-ia banaka banaka bota. Iparreko Geltokira iritxi zan, eta Mons'erako lehenengo trena hartu. Bizkar billoiz hura beti irudimenean nagusi... Gurasoek bederen egia osoa jakingo zuten gau hartan berean. Aski zan komeria! Halle'ko geltokian saltsa eta zarata ikaragarria zegoen. Elsa'k berriz ere oso urrun, txit urrun, guztiz urrun, ikusi uste zituen gazte eragabe eta iskanbillazale porrokatu haiek. Ez zan behin ere konturatu: ez ziran bere kideak. Haiek gazteak ziran, eta bera ez. Iñauteria bapatean besteen eta besteentzako jaia iruditu zitzaion, Mons'eko meza nagusiak aspaldidanik iruditzen zitzaizkion bezelaxe. Gazteria hura gaitzi zitzaion, arrotz, «beste». Eta bera, Elsa Scheelen, 29 urteetan, edonoiz bezin eder, iñoiz baiño xarmangarriago hobe esateko, gaitzi, arrotz, «beste»... zahar zitzaiela gazteei ordaiñez. Gisakoa ote zan susmo hau? Baietz uste zuen: bihotzaten euskarri zan hari nagusia etena zan betirako. Elsa'ren gaztaroa, egiazki, bizkar larrosa legun baten irudiak ebaki zuen kupidarik gabe. Fidantza urratzen dan egunean bukatzen baita gaztaroa. VIII Mons'eko Geltokian tranbia orixka zatar hura hartu zuen gaztetandik bezin gogaiturik; eta Jemappes'era asperturik iritxita, eskubitara jo zuen beste milla aldiz bezelaxe. Laister itzaldu zan bakardadean tranbiaren zarata; eta illunpe betean, haurretandik bezelaxe ere, ezkerretan adrilluzko murru luzea utzirik, maldan behera abiatu zan Elsa. Hotz haundia. Etxe apalak eskubi aldean. Ezpaloirik ez, eta putzuak ugari. Arrimua txarra eta labaiña, ohi bezela: —Beti bat! —pentsatu zuen Elsa'k—. Langilleak bizi diran kalexketan, beti dago putzurik eta lokatzik! Kalearen behereko muturrean, lantegi ate eskerga batek kukutua, eta adrilluzko pareta gorria bukatzen zan puntuaren parean, etxe apal bateko atean jo zuen, eta amak ideki: —Nola haugu hemen gaur eta garai huntan? Elsa'k ez zuen ezer erantzun; eta ama besarkatuz, negarrez hasi zan. —Zer gertatu zain Luc'ekin? —galdetu zion ziplo, miñutu pare bateko ixillunearen ondoan. Nekez hasieran, baiña gero eta garbikiago eta ausarkiago, Elsa'k azken hillabeteetako gorabeherak azaldu zituen zehatz-mehatz. Lehenengo aldiz aipatzen zuen hura guzia iñoren aurrean; eta aitormen latz harek poza eta bildurra ematen zion batera. Bere bihotzean ixillean bildutako behazuna ixuri ala, lasaiago somatzen zuen bere barnea; baiña zauriaren sakona barneago azaltzen ere bai. —Aita ez zegon etxen, Elsa. Berak ere jakin behar din hau guzia. Siñistu eziña! Lasai hadi bederen. Laster heldu dun. Gaur hain zuzen kalera joan dun afal ondoren, Leroy, Agostini eta Clerici'rekin uste diñat. Ba dakin, gaur, astearte, Iñaute- Motz... Elsa'k ekin egin zion bere Kondairari. Segitzeko beharra zuen. —Jasan eziña dun. Ez diñat horrelakorik sekulan entzun. Eta, siñistuta egon: entzun diñat denetarik nere 54 urteetan. «Gabon», entzun zan etxean. Scheelen etxeko-jauna umore onean zetorren itxuraz. —Hara! Hi hemen? Zerk ekarri hau hemengo aldi? Eta begitartea guztiz aldatuz emazteari so: —Baiña, zer gertatu da? Zer esan diozu zuk, Marie? —Nik ezer ez. Presta zaitez, Jojo, izugarrikeriak entzuteko. Luc'ek... Bazkaldegi apal hartan exeri ziran. Erredizek beltzago ziruditen pantallarik gabeko eletrika-argi hartan. Alabak noizean behin xehetasunen bat aldatuta, Scheelen andreak azaldu zituen Elsa'ren gorabeherak. «Alu horrek», esaten zuen Joseph Scheelen'ek behin eta berriz, ahapeka, goratik, abots mailla guzietan, eta ezpaiñak hestutuz eta hoxkatuz. —Bi gertakari erantsiko ditut bakarrik —esan zuen Elsa'k ordurako aski bere baitaratua—. Bata gitarraz gertatu zaidana. —Zein gitarra? —galdetu zuen aitak arras harriturik. —Bai. Zuek ez zerate beharbada gogoratzen. Aspertu egiten nintzala ni Ukkel'en, eta Luc'ek gitarra bat opaldu zidan. Zazpi urte dira hortatik. Itxaropena nuen nik (amets hutsa ikusi dudanez) gitarra poxi bat jotzen ikasteko. —Bai, egia dun —esan zuen amak— nik ikusia diñat hori aspaldian hire gelan. —Horixe! «Ma Chaumière»n agirian egon ohi zan, diskoak bezela. Molière'n ez. —«Ma Chaumière» hartaz ezer gutxi oroitzen naun. Giro legun burges hura gaitzi zitzaidan, eta dana ahaztu diñat. —Aita, ez has, otoi! —Egia du, Jojo. —Postaz ikasi nuen zerbait nere aldetik, eta iñoren laguntzarik gabe. Etenaldi bat egin zuen. Aitak ez zuen begiratzen, eta beheititurik zituen begiak. —Ez dut nik sekulan ongi jo, noski: hau egia da, eta ba dakit. Nundik nora ongi joko nik? Baiña batzutan (bolada batzutan maizago beste batzutan baiño) jotzeko gogoa nuen; eta arratsean, afal ondoan, jotzea maite nuen, hortarako irratia itzaliz. «Ma Chaumière»enean, bestalde, ez nuen hauzokorik galazten, etxe hartako maistar bakarrak gu geu giñan eta. Arrats hartan ere, orain dala bost bat urte... —Bost urte ixillik... —Orain dala bost bat urte hortan ari nintzan ni. Luc irakurtzen ari zan: hori uste nuen nik behintzat. Ni akorde batzuk egiten hasi nintzan, denbora berean aidea neuk kantatuz. Django Reinhard'en album bat erosi berria nuen, eta «Nuages» ematen saiatzen nintzan. Hortan ni ari, eta deusik entzun gabe noski, gitarra kendu zidan Luc'ek zakarki, ezer ere aurretik esan gabe; eta belauna altxata, iztarraren kontra hautsi zuen. «Aski dut zure zarata eta karrasi aspergarriez. Aski, eta milla aldiz aski!! !»... —Eta hik zer egin huan? —galdetu zuen amak. —Hori berdin da —aitak hasarrean moztu—. Zer egingo duen orain! Hauxe da nere galdera bakarra, Marie. Emakumeok, jakiña danez, ostikorik gehienak eta basenak ematen dizkizuen gizona maite duzute. Nazkagarria da! —Hitzegiten uzten banauzute, beste pasadizu bitxi bat kondatuko dizuet. Azkena. —Bai, Elsa. Eta zu, Jojo, egon zaitez ixillik apur batez. —Baiña hori garbi dago! —Ongi da. Entzun halere. Uztazu Elsa bere herra erraietatik itzurarazten. —Tira, tira. Aurrera! —Eta zurrumurru ulergaitz bat entzun zan Scheelen jaunaren aldetik. —Beste batean Antwerpe'n giñan. Luc'ek biziki maite zituen, nerekin zegoenetan ere, gaztetandik ezagutzen zituen erdipurdiko trabena haiek. Eta ba dago han horrelakorik; Gehiago omen zegoen lehen: ba liteke, baiñan ez dakit nun, kale batzutan behintzat tarterik ez baitago. «Metro» izeneko bar luze hestu hura ez zan, egia da, ez kabareta eta ez gau-bilgua. Hori ez. Baiña hara doazen emakumeen bertutearengatik ezin diteke ezer arriska, nere ustez. Gizonengatik are gutxiago, laguntsa billa nabarmen ibiltzen baitira. Sartu ala, barra dago ezkerretan, luze xamarra, argi gorriskatan edo berdaskatan aldika, argia aldatzen baita. Gaiñean, ezkerretan, barraren luzera guzian eta balkoi gisa, eta illunpe beltzean benetan hau, mahain batzuk daude. Sarrerako atearen arabera aurrez-aurre, estaia ttipi batean, eta balkoiaren mailla berean, beraz, neska gazte bat ageri da, exerita, illea gorri, mototsa oso gora, eta orain aipatzen hasten dan «mini-skirt» bat jantzirik; exerita esan dut, baiña aldi berean dantzan. Zertan ari? Disko-pillo bat du bere aurrean, bostehun bat disko, milla beharbada, eta zaharrena igazkoa nik uste: snob'en parabisua! Neska horrek aukeratzen ditu «Metro»-enean entzuten diran aireak. Bar guziko altabozak eta tresneria guzia (ez hurria!) berak gobernatzen ditu, beretertsa gisa, «kulpito» berri harrigarri hartatik. —Eta? —Beherean dantza egin ohi da. Azkeneko jazkerak han ikus ditezke Piccadilly'n baiño lehenago; eta hantxe ere azkeneko dantzakerak ikas. Nik ez nuen leku hura batere maite; baiña Luc'ek bai, gogotik itxura zanez. Orain dala hillabete batzuk, ez dakit zenbat, berriz hara joan giñan. Bestetan ia sartu-atera hutsa egiten genuen. Egun hartan luzeago gertatu zan gauza; eta garagardo bana zutik edaten ari giñalarik, bi neska sartu ziran, bi emakume gazte hobe, gerria hestu eta takoiak luze. Beretako bat oso gogoz hasi zan Luc'ekin mintzatzen, aspaldi hartan birrikusia ez balu bezela. Flamenkeraz ari baitziran, ez nuen ezer ulertu; baiña farre-algarak gero eta usuago entzuten ziran. Eta, usterik gutxienean, emakume harek kiñu bat egin zion eskuaz «kulpito»ko diskolariari, hiru behatz erakutsiz; eta Luc'ek «barka» esanez, flamendarrekin hasi da dantzan; eta beti irri eta algara biak. Hura gehiegizkoa zitzaidan... —Luc'en ama ote zan puta hori? —moztu zuen Scheelen aitak. —Otoi, Jojo. Utz bukatzera. —Barrean zegoen gizon bat, illea zurdinduta uste dudanez, neri so paratu zan, zirkiñik egin gabe hasieran. Baiña bigarren diskoarekin, ondoratzen hasia zitzaidan diximuluan. Ez nuen nik ezertarako gogorik, pentsa zazute. Eta barrukaldi batek bultzaturik, kalera irten nintzan iñori ezer esan gabe; eta geltokiruntz abiatu nintzan. Uste ote duzute ni etxera sartzean Luc, berebillean joanda, han zegoenik? Ez horixe: Molière'n ez zegoen iñor. Loak hartu ere egin ninduen Luc etxera sartu aurretik! —Ene, ene! Nolako piztia tokatu zaigun, Elsa maitea! —Nik hau hasieratik soma nekazean —erantsi zuen aitak—; baiña zuei kontra ez egiteagatik, ixildu egin nintzan; eta horra orain fruituak, horra ondorioak. —Zer somatu zenuen zuk? Tira! Ezer ez. Guk haiña! Alaba bakarra ezkontzen zitzaizula: hau zan zure samin bakarra. —Ez da egia! Elsa Ukkel'a ezkondu zala jakin nuenean, galdutzat eman nuen nere alaba. Eta zuk ba dakizu! Sozialismoaren alde egin dut burruka urteetan zehar. Nere jakinduria eskasa da, ba dakit; baiña nere bihotza hemen dago, zulo beltz huaetan zikintzen eta zimeltzen diran nere kideekin. Ez Ukkel' en. Ez gure zapaltzailleen hauzoetan. Orratz mordo bat hiltzatzen zan Elsa'ren barnean. —Gu pozik giñan, Jojo, guk ezagutu dugun zorigaitza Elsa'k ezagutuko ez zuela jakin genuenean. Ez da egia? —Ez da egia! Zeuk pentsatu zenuen hori, ez nik. Elsa'k beharbada ere bai. Ez dakit. —Nik ez! Luc maite nuen! —atera zitzaion ia karrasika. Baiña karrasiak ez zuen gezurra izkutatzen, eta aurpegia eskuen artean hartu zuen. —Zer espero zitekean —ekin zuen Joseph Scheelen'ek— flamendarra dan batengandik? Flamendarrak nazi dira, danak nazi; danak dira arrazakoiak, danak katolikuak, danak zerri galantak beraz. Eta urde hori, zuek oraindik «Luc» deitzen duzuten piztia zital hori, burgesa da gaiñera. Burgesa! Faltsua, harroa, hantustez betea, zekena. Hire «senar» hori Flandre'ko kastako seme da, bai; ez da dudarik. Eta ni zozo hau, ixildu egin nintzan halere... Merezia dut! Elsa'k Luc defenditzeko gogoa nabaitu zuen; baiña bizkar haren gaiñeko xerloak aurrean bide zituen; eta ordurarteko irain guziak, kondatu berriak izaki, biziago. Eta ixildu egin zan. Baiña gaizki egiten zuela iruditu zitzaion, koldarki jokatu balu bezela. —Tira, tira, Jojo. Txatxukeriak. Zure biziera ez da oso arraskastatsua izan. Aitor zazu. —Bai, ba dakit. Ez dut etxe bat Menton'en! Safo izan omen da emakumetan olerkari bakarra; eta hau lesbitarra zalako. Hori entzun diot lehengoan partiduko buruzagi bati. Eta siñistuta nago. Jaungoikoa gizon egin zan, omen, ez emakume. Noski! Arrunkeriaren deia da emakumea. —Aita! —Maite haut, Elsa, eta horregatik barkatu hindudan. Elsa negarrez hasi zan. —Gauzak huntara ezkero hobe dugu ohera joan. Erreta gaude hirurok gertaerengatik. Bihar, hotzean, zer egin ikusiko dugu. —Bihar? Hori garbi dago —esan zuen aitak—. Hori bukatu egin behar da. Berrogei bat senar-emazte berezten omen dira Brusela'n egunero. Nor ikara diteke kasu huntan soluzio hortaz pentsatzen badut? Heuk erabakiko dun, Elsa, ez nik, ez guk; baiña nik neuk, gizakumea naizen aldetik, eta hirurogeietan laister abiatua, gixontto hori utzi behar dunala argi eta garbi ikusten diñat. Bihar De Rijke'ri dei egion, eta urrengo astera arte azalduko ez haizela esaion. Hau ez dun ostatua, heure etxe propioa baizik. Egon hadi hemen lasai. Ondo lo egin, eta bihar arte. Ohi ez zuena: kopetan muiñegin zion Elsa'ri, eta bere logelara joan zan. Zer ote zan eztul aldi hura? Somatu egin zuen Elsa'k bere ixillean, baiñan ez entzuna egin zuen. Eta pentsatu: «Egia du. Baiña nik ez dut iñoiz izan federik». Oherakoan Elsa pakean zegoen, barne-pakean. Ez zuen aspaldian horrelakorik nabaitu. Bidaia luze eta zail batetik itzulia balitz bezela begiratzen zuen Wilson-kaleko aspaldiko bere ganbera hotz apal hura. Leihoa pittin bat zabaldu zuen, eta haize bala bat sartu zan. Xirrikitu bat baizik ez zuen utzi. Iñauteri-soiñurik batere ez kaletik. Geltokitik soillik, bakanka, bagoi-tankatekoen soiñuaren oihartzun urruna, illunak irentsia. Eta, tarteka, haurretan bezelaxe, dei etsia, baforezko makiñen txistukada zorrotza. IX Urrengo igande gauean Elsa Brusela'n zan, barne-asaldua ustez baretua. Baiña Molière'ko eskallera igotzen hasi zanean, bihotza agudotu egin zitzaion: lehendabiziko estaian dantza-musika entzuten zala antzeman zuen. Hurbildu egin zan ete ondora halere, eta, bihotza ezin gobernaturik, zabaldu egin zuen. Barruan apalago zan musika-oihartzuna eskalleretan baiño. Beharrik! Goitik zetorren, bigarrenetik. Hura ikara! Aitak garbiki emana zion bere iritzia: Molière-kaletik joan, eta Luc'engandik arras berezi. Besterik ez. Hortantsu zegoen ama; baiñan erabakien obratzearen hastapenari buruz luzakorragoa zan. Momentu hartan, dana dala, egia aitak zuela iruditu zitzaion Elsa'ri: noiz arte zalantzetan? Zer irabazteko? Biharamunean bertan, De Rijke alde batera utzita, etxe baten billa abiatuko zan. Zein aldetara? Brusela'ko beste muturrera, noski, ipar aldera, Luc iñoiz topatzeko erarik gertatuko ez zitzaion eskualdean. Jette? Sint Josse? Schaerbeek? Kalean bai, baiña parke baten ondoan nahi zuen etxea: barnetik etorkizuna igartua zetorkion ezkero, etor zekizkion kanpotik bederen berdetasuna eta hostoen zurrumurrua. Jette bereala baztertu zuen: flamendar gehiegi, bere ustez. Sint Josse'n bazter zugaitsurik antzematen ez. Bapatean itxaropenak hartu zuen: Josaphat! Schaerbeek'eko Josaphat parkearen ingurua! Hantxe, ahal izan ezkero. Biharamunean Molière'ko gartzela hartan Luc'en arrastorik ez zegoela jakitean, pentsatu bezelaxe Josaphat parkearen aldera jo zuen. Nola billatuko? Inguru osoa oiñez egitea bururatu zitzaion; eta Lambremont bulebarretik hasi zan, kalez-kale, kalexkatik kalexkara, sototik sotora. Hutsik zeuden etxeak uste baiño ugariago ziran: han hemenka, anitz tokitan beltz eta laranja-koloreko aluntzioak topatu zituen. Ez danak beretzako egokiak, ez danak alogeran ematekoak ere; hain zuzen, bi etxe oso eta estaia bat, hirurak segidan, aurkitu zituen salgai. «Salgai», pentsatu zuen; «alegia, debekaturik». Telefono batzuen nota hartu zuen, eguerditan deitzekotan. Parkearen ondoko «Cafe du Parc» dalakoan ogi-bitarteko bat garagardoarekin jan zuen eguerdi irian; eta telefonoz arratserako hiru ikustamen finkatu. Eta ekin egin zion birari bazkalondoan. Vandenbussche-kalean «studio» txukun bat aurkitu zuen, lehendabiziko estaia batean; baiña galestitxo. Ingurua ia osatua zan; eta, hein batean berantetsia zalarik, Pâquerettes-kaleko 18-an, behereko estaian, etxe txiki batean, hau irakurri zuen: «Studio moblatua. Lo-gela haundi bat, bazkaldegi, sukalde berria ur-berogailluarekin, maiñu, gazezko berontzi, telefono. Lagun ezti paketsu bat edo birentzako egoki. Atzerritarrak saiatzea alperrik. 2.500 libera hillean. Etxea ikusi nahi izatekotan, goiko Laurent andreari hotsegin. Dagoenetik hutsik eta alogeragarri». Hori egin zuen; eta hirurogei bat urtetako andre gizen zahar batek, walon doiñua ezin izkutaturik, etxea erakutsi zion. Garbi zegoen, eta erredizak ez ziran oso zaharrak. Laurent andrea alarguna zan, bereala jakiñarazi zionez. Etxe hartan ez zan biez kanpo besterik iñor izango; eta bi estaien nagusia, Dumoulin jauna, merkataria, La Louvière'n bizi zan, eta oso bakanka azaldu ohi zan. Nola galduko halako mauka bat? Arratsean bertan tratua egiña zuen telefonoz; eta biharamuneko goizean izenpetu ere bai. Arratsaldean, gauza guziak (ez danak, egia esateko, baiña bai Molière'ko logela berezian sartuak zituenak) etxe-aldaerako «Taxi Berde» batean garraiarazi zituen. Epaillaren lehen astearte hartan, beraz, Pâquerettes'ko etxea estrañatu zuen Elsa'k. Nekeaz birrinduta zegoen, eta dana pillotan utzi zuen atarian biharamunerako. Pozik halere. Eta laister Ioak hartu zuen. * * * De Rijke'ren kontsukazioa urruti zuen Pâquerettes'tik. Baiñan ez zan hau lana uztera bultzatzen zuen inportanteena: bihotzean min haundia harturik ere, bestek hartaratu zuen. Zergatik? Bere igaroari buruz guztiz, arras, osotara, nahi zuen ebaki, errotik hautsi eta erauzi. Elsa'k berriz bizitzen hasi nahi zuen; eta hortarako lehen-Iehenengo urratsa zitzaion aspaldiko gauza guziak xahutzea eta ahaztutzea. «Hortik hasi behar», uste zuen. De Rijke gizon prestua zan, ongi tratatzen zuen, nahi dan guzia; baiñan alde batera utzi behar zuen, Molière'ko bizialdiari lotuta zegoelako. Urte zoritxarreko haien lekuko zanez, baztertu egin behar zan. Nola esango zion, ordea, lanari uztea erabaki zuela? Bi astez luzatu zuen hinka gaistoa. —Ez saia ni atxikitzen, De Rijke jauna. Erabakia hartua dago: midikuntzari dagokion guzia maite baitut nik, eta zure kontra ezertxo ere izan ez arren, tristura bihotzean, barnea goibeldua, lan hau uztea erabaki dut. Hillabetez etorriko naiz oraindio, hau bai, nere ordaiña zuk aurki ahal dezazun; baiña gero ba noa. —Ez didazu dana esan, Elsa. Bestela ez dut ulertzen. —Egia da: ez dizut dana esan. Baiñan oraintxe esango dizut: nere senarrarengandik bereztea erabaki dut; eta orain arteko mundutik eta bizimodutik arras aldendu nahi dut. Molière kaletik ere aldatu naiz: hau duzu oraingo nere zuzenbidea. Eta paper bat eman zion: «Pâquerettes, 18 - Schaerbeek». —Gauzak zertaratuko diran ez dakit, De Rijke jauna. Hori geroak esango du. Oraingoz bakarrik bizitzea erabaki dut. Gero... ikusi egingo dut; neronek ere ez dakit. De Rijke'k ez zuen deus esan. Gauean, oherakoan, eta oso berandu arte, behin eta berriz gogoratzen zitzaizkion Elsa'ren hitzak. Gauza harrigarria: ez zuen ia deus ordaiñari buruz pentsatu, ezta Elsa joanaz sortzen zitzaion problemaz. Bere kontsultazioa hutsik bezela somatzen zuen Elsa gabe, eta bere burua tupustean nagitua, gogaitua, higuindua, ezindua. —Emakume gaixo hori! —zion berekiko gelako ixiltasunean—. Zergatik beti ederrenak zorigaistokoen? Berrogei ta hamalau urte ditut. Elsa Scheelen (ez dut «De Potter» andrea deitu nahi) nere alaba izan zitekean. Baiña nere kezka hau, nere etsipen-mota hau, nere xamurkera bitxi hau, ez dira osoki guraso-tristura bat. Gau huntako eldarniora naraman tema malenkoniatsu eta illun hau, aspaldidanik ez nabaitua, ez da oso... Eziña da halere! * * * Elsa'k urrengo asteetan etxea piskanaka txukundu zuen. Diru ugaririk ez zuen, noski: beharrik, geroa somaturik, De Rijke'ren irabaziak osorik gorde zituen aspaldi hartan banku- kontu izkutu batean. Pâquerettes'era sartzean 82.000 libera zituen. «Nere aita gizajoak ez du sekulan izan horren laurdena». Arratsero, kontsultaziotik itzultzean oso berandu izanik ere, gauero egiten zuen apainketaren bat bederen: oheaz bestaldera Brusela'n erositako margo-kopia ipiñi, ezkerreko horman argazki batzuk zintzilikatu, leiho nagusiko errezelak garbitu, hondatzen hasia zan harropa pasaratu eta tajutu, pittinka mahain-lanpara bat konpondu, eta abar, eta abar. Sekulako lanetan egunero murgildua, eta pozik. Berontzia oso erosoa zitzaion: bi termostatoak erregelatu (logelan bata, eta paziñan bestea); eta kitto: berontzia egoki ari. Beharrik! «Molière'ko ikatzezkoa zikiña zan beti». Bakardadea zitzaion nabarmen. Hau egia da. Nabarmenegi. Molière'ko etxean, nahiz azkeneko hillabeteetan bakarrik bizi izanik, ez zuen Elsa'k bakardade-kutsu mutu hura ezagutu. Pâquerettes'en bai. Batzutan biziak hartzen bide zituen paretak eta sapaia; eta eskubitara lo egin beharrez, bestaldera jarri behar izaten zuen, lokamutsen etorrerari jaramonik ez eginda. Bakardade hura lagunarte ez-ezaguna zitzaion. Laurent andrearen oinkaden soiñua entzuten zuenean, pixtortu egiten zitzaion barnea. Hauxe zan ezin aitortuzko egia. Irratia maiz piztutzen zuen; beti, hobe esateko. Telebista erostea bururatu zitzaion; baiña dirurik ezaz, lehendabizi etxea polliki-polliki antolatuz joatea erabazi zuen: alfonbra bat behar zuen atarian, etxeko zarpail hura gorde ahal izateko; eta epeka erosi zuen. Gauza bera besaulki gorri illun pare bat, sukaldeko tresna batzuk; eta hiru maindire eta burusi pare bat. Elsa hozpera zan oso. Ezin azkar joan aurrerakoan. 1966-eko Epailla eta Apirrilla oso euritsu gertatu ziran Belgika'n, baiñan Elsa'ri ez zitzaion hau batere gaitzi izan. Hobe. Bera etxen egon ohi zan beti; ahalean, lanean jo-ta-ke. Aspertuta zegoenean, edo egurastu nahi bizian, kalera ateratzen zan. Pausu batzuk egin eskubitara, eta Azalees'kaletik igota, Josaphat'en ingurua egiten zuen zugaitzen azpitik, eta arnasa gogotik hartuz. Euria ari zuenean, baiñan epel, berdin: atsegin zitzaion tantoek masailletan behera uzten zioten azkura-aztarna. Gauean oso goiz oheratu ohi zan: sarritan bederatzietarako oheratuta egon ohi zan, irratia piztuta. Horrela jokatuz, Apirrillaren 10-ean, igande karietara, etxera gomitatu zituen gurasoak. «Maiteago diñat hauzoa lehenagoko beste biak baiño», esan zion aitak. Ama lilluratuta atera bide zan handik: «oso txukun dana, Elsa», esan zion behin eta berriz. Eta Scheelen'darrek Ipar-Geltokian trena hartu zutenean, pozik ez, baiña kontsolaturik bederen abiatu zirala esan zitekean: Elsa egoera berriaz nagusiturik atxeman uste zuten. De Rijke'ren kontsultazioa uztearena ez zuten ongi ulertzen, amak batez ere. Baiñan ez zuten kontra egin. Scheelen jauna pozik zegoen: Elsa'ren beraren ahotik entzun baitzuen azkenean aste hartan bertan joango zala De Riemaker lege-gizonarengana, eta dibortzio-eskabidearen gorabeherak ahalik eta laisterrenik prestatuko zituela. Amak ongi ezagutzen zuen alaba; hau egia da. Baiña Apirillaren 10-eko ikustamenean, ez zuen Elsa'rengan ezer berririk nabaitu; eta huntan oker egon zan. Elsa ez zan sakonki aldatua. Hau ez. Baiñan «International School»era ez zan joan ohi guztiz hotzean, eta ez xoilki españera ikastearren. Ba zegoen besterik. Elsa'k ez zuen uste. Baiñan askotan, nahiz Edith Cavell-go kontsultaziotik leher-egiñik irten, zazpietarako Vleurgat-Galtzaran egon ohi zan zintzoki. Astelehenetan Jean Vanden Broeck aurkitu ohi zuen, eta astelehenero ordubetetsu bederen pasa ohi zuten alkarrekin berriketan. Elsa ohartzen ez bazan ere, Vanden Broeck'en hitz legunak eta zurikeriak behar zituen: jostaketan ibilli uste zuen, baiña beharra sakonagoa zan: Vanden Broeck'ek fidantza berpiztu zuen Elsa'rengan, eta hunek bihotzez eskertzen zion; eri egon danak ikustera heldu zaizkionak eskertzen dituen gisa. * * * Maiatzaren 30-ean eguraldia bikaiña zan, eta illunabarra polliki-polliki, presarik batere gabe, Mendebalde gorrian mamitzen zan. —Oso leku polita ezagutu dut lehengoan ustekabean. «Un sitio precioso», Loza'k irakatsitako hitzak erabiltzeko. Nahi duzu han freskagarri bana alkarrekin hartzea? Vanden Broeck'en «Mercedes» urdiñean sartu ziran biak, eta bizpahiru miñututan Ixelles'ko aintziraren ondoko «Les Etangs» kafeko eguteran exeri ziran. —Eta ez zaizu iñoiz damutu dentistaren kontsultazioa uztea? Orain egiten duzun administrazio-lana baiño interesgarriagoa zan hura. Ez da hala? —Bizieran arras ebakitzen ez dakiena galduta dago —Elsa'k irmoki. —Emakume zoragarria zera, Elsa. Zoragarria alde guzietatik. Eta ezkerreko eskua hartu zion maitekiro; eta hitzik esan gabe miñutu erdi batez edo laztandu zuen Vanden Broeck'ek. Denbora, Fujita'ren margoetan bezela, gelditua bide zegoen, eta giroa ixiltasun-hodei trinko igarokor batek gerizatua. Elsa'k ez zuen eskua atzeratzeko betarik izan, egia esateko. Ez zuen halakorik espero; ez zuen «Elsa» izena entzutea pentsatzen, etxeko deituraz egin baitzuen beti anartean. Ezustearen perlesiak jota zirudien. Pâquerrettes'ko izkiñan «Mercedes»tik irtetzerakoan, barne-zirrara bitxi bat nabaitu zuen, ordurarte iñoiz ez senditua: hoben izugarri baten errudun gertatu izan balitz bezela. Eta gauza bat zitzaion tamalgarria, denbora berean: hogei-ta-hamar xegundu igeskor labur argitsu haiek hain arinki, hain arreta gaberik, igaroak izatea. Iñoiz senditu ote zuen Elsa'k halako eziñegon bitxirik bere buruaz nagusitzen ari? Ez zan zoriona, ez zan atsegin paketsu bat, ez zan poza. Ez zan, edo-ta ere, Luc'ekin iñoiz ezagutu zuenik ezer: hau eskierki segurta zezakean. Hiruetarik zerbait zuen egarri berri bat zan. Egarri izkutua, iñoiz iñori salatzerik izango ez zuen egarri ixilla. Geroztik denbora ez zan Elsa'rentzat jarraikia, laua, uniformea. Denbora, odola bezelatsu, taupadaka ixuritzen bide zan Elsa'ren egutegian, jauzika, astelehenetik astelehenera. Ostegunetako eskolak berak utzi ez zituen bada? Urrengo asteetan Vanden Broeck'ek ez zuen pausurik batere egin aurreruntz; eta Elsa kezkatzen hasia zan: pittin bat mindua, mikaztua, akullatua. Azkeneko bietan, hain zuzen, presatua zala esan holandarrak, eta bakarrik utzi zuen etxerakoan. —Iñoiz helduko ote dizkit berriz nere esku bakar hauek? —pentsatu ohi zuen igande arratsetan. Vanden Broeck hotz agertu ohi zitzaion, ordea: oso atsegin, oso begiko, bai; baiñan oso hotz ere bai, Elsa'ren aburuz bederen. Eta hunen emakumetasuna minberatu egiten zan: Elsa'k «ez» esan nahi zuen noizpait, eta ezin zuen. —Farragarria da hau —pentsatu zuen halako batez. —Gi zon horrengatik tematzen hasia naiz, eta ez du balio. Ez dut bere jostaillu billakatu nahi; eta hortaratzen hasi naiz, nik uste. Gogorkiago jokatu beharko. X —Zer berri? —galdetu zion Vanden Broeck'ek «International School»etik irtetzerakoan. —Gaur ez nago presaturik. —Hara. Lanak amaitu? —Dana azalduko dizut. Nahi duzu berriz Ixelles'ko aintziren ondoko «Les Etangs»enera joatea? Vanden Broeck ez zan makala bere ehize-lanean, eta emakume eder haren begietan diztira berri bat antzeman zuen. —Nahi baldin baduzu —Elsa'k. Eta berekiko ia dardar: «Eskuok: heldu zaizkizue!». Kanpoko mahain berean exeri ziran, kaseta-saltzailleaz bestaldera. Uztailleko illunabar ederra zan, Maiatzakoan baiño argiagoa. Zingiraren gaiña, Mendebalde'ko diztirak zillarturik, ezin begiratua zan begiak bildu gabe. Epérons d'Or-kaleaz bestaldera, Louise-Ibilbidetikako orro urrunaren gerizatzaille, etxeen murrua islatzen zan. —Ostiralean Amsterdam'era noa, Elsa. Lehenengo unetik beretik ezagutu zuen hunek esakuntza horren atzetik zetorrena: gomitu bat. Eta zorabio batek astindu zuen goitik beheraiño. Zer erantzungo? Bai? Ez? Eta zergatik ez, egia esateko? —Ez zenuke Loosdrecht'eko nere bela-ontzia ezagutu nahiko? —ekin zuen, Elsa'ren eskua hartuz. Aspaldidanik hirrikitzen zuen ahur beroa sendi zuen, eta asaldatu egin zan atsegiñaren bortiztasunaz: ez zuen ez baietzik ez ezetzik esan. Esku haren laztanak idarokitzen zion menturaren arriskuak eta suak zurtu egiten zuten, eta iñoiz ez baiño erakartzenago ere bai. Luc'i atsekabe-zorrak kittatzea ez epelkiago: «neu ere gauza naiz beste gizon bat maitemintzeko». —Eta, noiz itzuliko? —galdetu zuen Elsa'k, barne-oreka galdurik, eta ezer ukatzeko ahalmena zeharo agorturik. —Igande arratsean bertan. Larunbat eguerdian atera gaitezke. Azalees-kalera joango naiz zure billa. Gau bakar bat izango dugu artean, beraz; eta ez duzu neregatik kezkatu beharrik. Gizon zuhurra naiz. Nolako burutazio-txirimela Elsa'rengan! Pentsakor gelditu zan, barruan ezertarako zalantza-izpirik ez bazegoen ere: «azken bururaiño joango naiz. Neure burua neurtzeko besterik ez bada ere, azkeneraiño helduko naiz.» Zer zan zorabioaren kakoa? Ez zekien. Vanden Broeck'ek ez zion ordura artean iñoiz esan maite zuenik; eta ixiltasun horretxek bultatzen bide zuen Elsa aurrerago bere baietzetan: hain zuzen kontrara egingo zuen beste edonorekin, baiña Vanden Broeck'ekin bildur zan. Hasieran Elsa'k ez zuen egiazki maite, ez zuen maite-uste bederen: mendeku-bide eta harrotasun-iturri soil bat izan uste zuen bere lagun berriarengan; gero aitzekia kilikagarri eta arriskuko bat antzeman zuen; eta piskanaka besterik ere bai. Zer besterik behar zuen aurrera jotzeko? Zerk tenkegin zezakean? Jaungoikoaren bildurrak? Ez zuen siñisten. Senarrarekiko leialtasunak? Senarrik ez zuen aspaldi hartan, artxiboetako papertzarretan baizik. Ondorioak? Zein ondorio, Dekraene sendagillearen esanak guztiz beteak gertatu ondoren? * * * Larunbat arratsaldean Loosdrecht'eko lakuetan zeuden Elsa eta Jean Vanden Broeck, maiñuko harropan eta betaurreko beltzak begietan. Bi pieza urdin argitan, eta buruan gomazko txano loretsu hestu bat, danean malgu eta lirain, Elsa ezin-ederragoa goitik beheraiño. Jean, sendo eta zaintsu, kiroltzale bat dudarik gabe. Hego-haize epela ari zuen; ez batere zakar, baiña bai bela-ontzia azkar xamar eragiteko lain. Eguzkiaren azken ordu haiek laister igaro bide ziran, oso laister, laisterregi. Elsa'ren irribarrea maiz azaltzen zan musura. Vanden Broeck'ek lan gaitza bide zuen tramankulu guziak gobernatzen, eta ontzi hartan ohituta egon arren, bi aldiz uretara erortzeko zorian egon bide zan. —Hementxe har dezakegu zerbait askaritarako, nahi baduzu —proposatu zuen Vanden Broeck'ek. —Barneko gelatxo hortan ba dago zenbait janari eta edaririk. Eta segidan Amsterdam'eruntz abiatuko gera. Ados? —Oso ongi da. Ni beti ados zurekin... Lakuaren hegira ondoratu, belak bildu, jersei bana jantzi, eta haizearen zurrumurru izuti jarraikia ur geldietan suntsitu zan. Bere ordez pick-up batek hartu zuen segida; eta ontziko gela txiki txukun hura musikaz trinkotu zan, eta giroa arras epeldu atea hestean. Elsa'ren zorion lodi hura kanpoko haize-bala bakanek eramanik, igesi zijoakiola nabaitzen zuen. Gelditu egin nahi zituen miñutu laister haiek. Leihatillatik lakuaren inguruko argiak banan banan piztutzen ikusten zituen; eta bela-ontziek ere, presarik batere gabe, beren haga nagusia herronka larruturik, gauerako kulunka geldian ainguratzen zituzten. Dana patxaran egiña. Eta dana azkar igesi joaki! ! —Maite duzu beraz bazter hau? —esan zuen Vanden Broeck'ek ia Elsa'ren ezpaiñak bereez ikutzen zituelarik. —Oso maite dut, oso benetan. —Jean'en begiak iñoiz baiño bertagotik ikusten. —Zentzuen atseden-leku bat, ziñez. Eta Belgika'n ez bide da... Musuen illara luzea hasi zan. Eta arratsalde hartantxe lehenengo aldiz erabillirik bezin berri eta sendibera antzeman zituen Elsa'k bere ezpain hotzak... «Ustez igartuak eta nagituak; baiña kresalak itzasituak bezin sendibera»... ...Elsa'k ez zuen Amsterdam ezagutzen, eta ez zitzaion oso eder iruditu. Zikiña batetik, ubideetako kiratsa nabarmenegi, kale asko txit beltz, txit illun. Vanden Broeck'en etxera nahiago zuen. Luzeegia zitzaion ikustaldi hura: —Zure ezpaiñak maiteago Amsterdam baiño —esan zion Eisa'k kotxean, odolak hartaraturik. Eta Vanden Broeck'ek ez zion esana damuarazten utzi. Langendijk-Straat'eko etxea oso haundia zan; baiña nahiz zahar xamarra, biziki ongi zaitua, etengabe txukundua eta berritua. —Eta bakarrik bizi zera hemen? Siñistu eziña zait. —Bakar bakarrik. Kopatxo batzuk zerbitzatu ondoren, gela dotore batera gidatu zuen, eta musu luze bat emanez, agur egin zion: —Hementxe duzu zure pausalekua. Ni aldamenean nauzu. Ondo loegin. Bihar arte. Ez zuen Elsa'k hau iñolaz espero, eta bere buruaz etsirik gelditu zan. Erazterakoan, maiñu-harropan eten zuen erazketa; eta soiña aztertzen hasi zan ispillu baten aurrean, oso harriturik eta oso hilletari: «ez nuen nik uste... iztar hauek mehegi ote... edo beharbada lepoko gizentasun kutsu hau...» Hamar miñutuz aztertu zuen bere burua, eta ez zuen ezer konprenitzen. Ohe-ertzean exeri zan pijama berde hertsi batez jantzirik, kemena agorturik: eroria zan arras, apurtua: «Gizonek ez dute iñoiz neurtuko nere huntan emakume batek jasaten duen kolpe latza noraiñokoa dan... Bertutea galdu nahiago dugu milla aldiz, desiratuak ez izanik gorde baiño». Gogoeta hauetan barrena abiatua zalarik, eta oheratzeko gertu, atean jo zuen Vanden Broeck'ek. Laztu egin zan Elsa, pozez lazturik, hain zuzen. —Bai. Zer da? —Ezer falta ote zaizun galdetzera etorri naiz. Elsa lipar batez egon zan zalantzan: «Ohorearen aitzekia ere ez dit utziko! Zergatik ez ote da zuzenean sartu? Oihu bakar baten aitzekia ere ez?». —Ez, ez zait ezer falta. —Ziur? «Zeu falta zatzazkit» esateko gogoa etorri zitzaion; baiña emakumetasunak geldiarazirik ixildu egin zan. Atea zabaldu egin zan. Laister zeuden biak ohe berean... * * * Elsa'ren bizieran gaurik zoriontsuena? Ez zuen memento hartan hori uste. Biharamunean bai: gaurik gogoangarriena zala bederen, izkutuan ebatsitako atsegin-bala haiek hutsunez eta gau ixillez jantzi eta edertu izan balira bezela. «Izkutuan lapurtua ez dan hatagi-aldia, ez da atsegin-zorabioa, epeltasun- urrupa laburta baizik», pentsatu zuen Elsa'k. Delft lillutagattian bazkaldu zuten biharamunean, Vanden Broeck'ek ongi ezagutzen zuen bazkaldegi itzaltsu batean. Baiña Delft'eko barne-argitasuna arrats argizkoa zitzaion Elsa'ri, gaillurretik behetakoa, malenkoniatsua hitz batez. Zubitxo haietaz, eta Ubide Zahar zugaitsu olerkitsuaz gogoratzen zan batez ere; Elsa'ren otoimenean hauek Brugge'koen oihartzun urrun ikutu bat balira bezela. Vanden Broeck'en eskuen behar gorriaz oroitzen zan batez ere, ezin baitzizkion laxatu ere itxura zanez arratsalde guzian. Zer erantsiko, beraz, Kinderdijk'eko oroitzapenaz? Alegia, bi egun gogoangarri haietako azken ikuskariaz? Seirak aldean iritxi ziran Rotterdam'eko inguru hartara. Lek-ibaia zabal eta paketsu. Eurikara Mendebalde'tik. Intetan ur geldia. Etxeen arteko tarte hertsietatik errota-mordoa agertzen. Dendetan postalak eta zurezko eihera-iduriak erruz salgai. Turistak ez hurriago. —Ez dituzu ezagutzen, Elsa, Kindetdijk'eko errotak? —Ez. Entzun dut, bai, zoragarria dana. —Hauxe izan zan Holanda'ko «polder»gintzan errota-mordo nagusi bat. Etxetxoez bestaldera joan ziran gerritik heldurik bidexka batetik. Mendebaldetik hodei beltzak zetozen; eta berekia igortziriaren orroa, gero eta bertago lehertzen hasia. Hogei errota haiek bakardadean geldirik, aspaldi hartan abandonaturik, erraldoi-imajiña antzo, beren beso eskergak harrigarriro kokaturik, ekaitza mehatxatu edo kikildu egin nahi bide zuten. Zelai zabala eta urtsua beherean, aldiz, antsikabeki pausatua eta ahaztua, hilla zirudien. Elsa'k ez zuen ezer esaten: ixiltasun ixil hura entzun nahi bide zuen. Vanden Broeck ere geldi eta pentsakor, bere amorante berriaren lillura nahasi nahi ez balu bezela; bildurrez eta muzin hits batez begirada samur hura honda zedin. Besterengatik ere ixildu ote zan hau? Beste katramillaren batek hausikitzen ote zuen? Hamar bat miñutuz egon ziran biak era hartara, hitzik gabe so, ikuskari paregabe eta ezin tristagarriago hura patxaran dastatzen. Baiña tru moiarra orro hurbillari tantoak, tanto lodiak, erantsi zitzaizkion. —Elsa. Aldegin egin beharko genuke. Berebilla urrunsko dugu, eta tantoak hasiak dira. Elsa'k ez zuen ezer erantzun. Vanden Broeck'ek ikusi ez zituen bi malkok busti zuten haren masailla: —Bildur naiz, Jean! Oso bildur! Besarka nazazu, arren! —Zer duzu? Haurrak bezin bildurti? —Ez da hori. Kinderdijk'eko errota zahar hauek eta igortziri zakar horiek bihotz erdiraiño hunkitu naute. Zerua da bortitza, ez gu, ez gure egiñak. Gure samiñak dira gugan bortitzena, eta denborak suntsitzen ditu. —Zer duzu, Elsa? Zerk mindu zaitu horreraiño? Ez zion azaldu. Zeren bildur zan ez zuen aitortu nahi izan iñolaz ere. Zoriona laburra dala ongi zekien Elsa'k. «Joanak joan»... Bi egun zoragarri haiek betirako joanak antzematen zituen, zoritxarraren mortu zabal legorrean laister mugarri bakarti bihurturik, sekulan itzuliko ez ziran ordu argitsuen lekuko ixil eta illun, bi errota zahar gisa oroimenean bertan ia ezabaturik. Urrengo egunetan, urrengo asteetan, urrengo hillabeteetan, izialdurako miñutu haietan bezin lazki zulatzen zuen bere barnea Kinderdijk'eko irudi harek... Errota-gorputz hotz gizatar haiek, aspaldidanik utziak, aspaldiko gudari mutu, lanean antziña akituak, gaur zelai haizetsuan zai... Zeren zai, ordea, be- ren buruen zaharrakatzearen eta akaberaren zai izan ezik? Huntatik Elsa'ren ikara sakon hura. Huntatik dar-dar Elsa, zorion uneetarik hain bertan zalarik ere, nahiz azkeneko atsegin-ugin oparo aratz haiek dastatu berriak izan. «Joanak joan... joanak joan... Eta egarria gelditu». XI Biharamunean Vanden Broeck ez zan espaiñerazko eskolara agertu. Ordu erdi batez egon zan Elsa atera adi, herio-suhar, Loza'ren irakaspenez zipitzik ulertu gabe, berandu bederen Jean agertuko zan itxaropenean; baiñan ez zan agertu. Zer ote zuen? Zergatik ez ote zan azaldu? «Philips»-eneko bulegora deitzeko asmo bizia etorri zitzaion, baiñan irtetzerakoan beranduegi zan. Ez zion, bestalde, iñoiz hara deitu; eta deitu behar gorriaz harritu egiten zan: «Berekiko hotzago banengo, berdintsuago izango litzaidake deitzea. Baiña sobera maite («maite»?...) dudalako, hain zuzen, ahalke naiz, herabe, lotsa. Egia jakin dezan oso bildur naiz; itxuraren beraren azkeneko geriza fundituko litzakean segurantzian». Eta ez zuen deitu: ez astelehenean, ez asteartean, ez asteazkenean... Garaitzapenaren latza bakoitzean! Asterik luzeena, hutsena, beltzena, huraxe izan zitzaion. Baiña urrengo igandetik hasi zan Elsa'ren bihotza aldizka bizkortzen, aldizka urratzen: «Gaua luzea izan bada, egunsentia hortxe heldu dan seiñale... Omen! Siñistu egin nahiko nuke. Baiñan ezin. Zeren-eta ni bildur bainaiz (ia ziur hobe), hillagiñaren gau luze neketsuaren ondoren, neri egunsentirik iñoiz zabal ez dakidan». Elsa, gaua laisterrago helarazi nahiz, zortzietan etzan zan; baiñan alperrik etzan ere bai: gaitzegia zan kezka hari zegokion eldarnioa. Biharamunean, Dagonillaren 7-an, eta hillabeteko lehenengo astelehena hain zuzen, zeru urdiña eta eguzki argitsua agertu ziran Brusela'n. Goiza nagikiegi igarotzen zan, arratsaldeko lehenengo orduak miñututsuegi gertatzen. Vanden Broeck espaiñerazko eskolara berriro azaldu ez. —Ez nukean iñoiz siñistuko Jean'ek horrenbesteraiño nere bizia betetzen zuenik —zion Elsa'k berekiko Vleurgat-galtzaran behera abiatzean. —Eskola hau gogaikarri bihurtu zait, arras funsgabea eta aspergarria. Nun ote da Jean? Nun ote da nere...? Ez zuen esana burutu. Biharamunean, hillik gabeko gau-beila amaigabe baten ondoren, telefonatzea erabaki zuen, eta egin egin zuen: —Bai, bai, andrea —entzun zuen— ulertzen zaitut. Ez dakit, ordea, zer esan. Vanden Broeck jauna ez dago hemen. Amsterdam'era itzuli bide da. —Ameriketara ez ote? Txile'ra joan behar zuen —esan zuen Elsa'k erantzuna entzuteko ikaran. —Ez dakit. Ez dakit ezer, andrea, hemen ez dagoela baizik. Noren partez da? Vanden Broeck'en buruzagiarekin jarriko zaitut nahi baldin baduzu. —Ez, milla esker. Eskuak izoztuak zituen Elsa'k. Betarik ez galtzekotan etxera joan zan, eta zuhurtasuna arras galdurik, egia osoa argi eta garbi aitortzera deliberatu: «Brusela'n, 1966-eko Dagonillaren 8. Nere maiteen hori: Bi astelehenetan segidan zu Vleurgat-eko «School» era azaldu ez, eta zure berri jakin behar gorriak «Philips»eneko bulegora hots eragin nau. Joana zerala esan didate; eta nora ez dakitela. Txile aipatu dut, baiñan ez didate ezer zehatzik erantzun. Nere Jean kuttun ahaztu-eziñezko hori: ikasguan ez bide dago neretzat gaur ez ezer ez iñor. Eskolakideak, halere, begikotasunez hartzen ditut: ezin gorroto ditzaket, ezin mespretxa, ezin beste iñor bezela ikus. Bereziki maite ditudala pentsa diteke, zurekin han igarotako orduak gogoratzen dizkidatelako. Hauxe duzu egia. Zeuk egin nauzu zoriontsu. Ikusi egin behar zaitut joan aurretik. Behin gutxienez, otoi! Ez dut zure ahotik ondoko hau behin ere entzun, ez zure ezpaiñetatik ere: maite zaitut. Kupida zaitez bederen nitzaz, eta dei nazazu. Noiz irten behar duzu haruntz? Arren, Jean. Gaixotu egingo naiz. Elsa. P. S.—Irakurri ondoren, arren, erre zazu gutun hau.» Egunak joan zitzaizkion haiduru, ordea, banaka banaka, telefonoaren eta posta-kutxaren beti jopu; eta egun bakoitzaren pena etsiak pittin bat aurrerago pikatzen zuen Elsa'rengan berantespenaren hildo mingarria. —Arrastorik ez! Gogorra da hau! Nitzaz ahaztu dalako? Nere haragiaz horren azkar osoki ase dalako? Aideportuko agurraz bildur zalako? Ezer ez dakit. Nere zalantza-itsaso hau nola xukatuko? Elsa'ren eldarnioari nagusitu nahiean, laister hustutzen ziran «Bellergal»en botillatxoak: «Beharbada bost axola zaio dana... Beharbada gaitzi natzaio! Beharbada hastio nau!!... Eta ni hemen, berantetsia, hilduratua, desegiña. Funtsik ez du nere egoerak. Baiña, nola sendatuko?». Dagonilleko egun ederrak tristura osoan joan zitzaizkion: nagiki eta alperrik joanak, gartzelako bakardadean eta murru eskergen gaiñetik egun urdin ederrak nagiki eta alperrik suntsitu ohi diran bezelaxe. Iraillekoak berak ez azkar, baiña bai azkarkixeago. Elsa'k iñori ezer ezin azaldurik, idatzi behar guztizkoa nabaitu zuen; eta kandadotxo batez hesten zuen liburuxka berezian hau jarri zuen Irailleko hasieran: «Ixillaldi hau ez ote da ezer baiño latzagoa? Gorroto nauela bederen ezin irakur, neregatik negar izkuturik ixuri ote duen ezin jakin, ahaztu eziña ote natzaion kontsolamendua ezin izan. Ezer ez! Eskubiderik ez dago horrela jokatzeko. Goizero bizi izan nau aste hauetan Jean'en berriz izateko itxaropen gartsuak; eta arratsero aurtiki nau barne-illunpeetara eguneko ixiltasun-mukurruak. Ez diot ifernu hau iñori desiratzen»... Azkeneko astean, aldiz, giroa bestelakoa ageri zan liburuskan: «Udara joana da... Zein geldiro! Zazpi aste hauetan akitu egin zait bihotza, eta begi-niniak legortu. Baiña Jean'ek neregandik hunelakorik merezi ez zuela bistan da. Neuk edertu dut nere irudimenean; eta edertutako irudi alegiazko hortaz maitemindu naiz. Aski izan da huntaz konturatzea sendatua izateko. Jean'i buruzko bitasun hortaz ohartu naizenean, egiaren argitan, ametsezko irudia desegiten hasi da, elurra eguzkitan gesaltzen dan bezela; eta hunek min izugarria eman dit azkeneko egunetan, egia lillurari nagusitzea beti baitzaigu garratza. Baiña zama aztun bat ere kendu zait bizkar-gaiñetik, eta biziaren arnasa berriz hartzen hasi naiz. Ez dut iñoiz hunenbestez sofritu, beharbada. Jean gorroto nuela pentsatu nuen hasieran, hiruzur egin balit bezela; eta halaxe izan zan egun batzuez: malenkoniatik gorrotora aldatu nintzan, gorroto amorratura. Ametsetan bederen lepoa bihurtu nahi nion, eta barkazio-eske ikusi bere begiak; baiña, gauza harrigarria, ez dut behin ere Jean ikusi nere amets-aldietan. Gaur ez dut ezta gorroto ere: gorroto bero hartatik, beheraka mingotsean, iritzi hotz eta urrikitsu huntara iritxi naiz. «Eta sendatu egin bide naiz. Jean'ek ez du ni arduratzea merezi. Ez dut ia-ia ezagutzen. Hortaz! «Baiñan ez dut oraingoz ongi neurtu zeren truke lortu dudan hau. Gaur, azkenean, malko gehiegiren ondotik, betirako joandako pasadizu eder bateko galaia ikusten dut Jean' engan. Etsi egin dut, adimendua bihotzaz nagusitzera utzi dut; eta aurrerakoan Jean'ez maitemintzea eziña izango litzaidake. Siñistuta nago. Hemendik aurrera hutsegingo ez didan senda- bidea aurkitu dut: lillura eder horiek azterketa hotz baten bidez lumatu, eta etsipenetik at iritxi. «Mundua, alabaiña, larrudura urrikigabe hori dala bide, arras hustu da neretzat. Dieweg-kalean ezagutu nuen hutsunea fitsik ez zan hunen ondoan. Oraingoa bai. Orain, benetan, ziñez, bakardadearen leize hondoraiño amildu naizela esan dezaket. Eta goitik beretik argi-erraiñurik heltzen ez zaidala, kanpoko zerua izarrik gabeko gau doillor batek irentsi izan balu bezela»... Luma utzi, kandadoaz liburuxka hetsi, eta izkutatu egin zuen. XII —Arratsalde on —entzun zuen Elsa'k ustekabean Neuve-Kaleko «L'Innovation» salgu nagusian. —Zer moduz, Elsa? Aurpegi beltzaran hura ezaguna zitzaion, baiña zertatik ez zekien. Halere zenbait aldiz ikusia zuen. Gizon luze gazteak irribarre egin zion: —Bai, Elsa. De Rijke'ren kontsultazioan ikusi izan nauzu. Antoine Vanhamme nauzu, igazko udazkenean sarritan zuengana joana. Bi hagin erauzi zenizkidaten segidan egun berean, eta urrengo asteetan barrena beste lau konpondu. Zeuk jarri zenidan behin nere ahoan radio bat egiteko paper puska zurrun atsekabe hura; «eta orain zerorrek eutsi zaiozu», erantsi zenuen. Nolako pena nabaitu nuen lipar hartan... Elsa'k farre egin zuen algaraz: —Bai, bai. Orain oroitzen naiz. Arkitektoa zera zu, ez da hala? Hala zan. Zerbaitez oroitzen zan Elsa. Vanhamme ez zitzaion behin ere harroputz iruditu; baiña gizartean arrakastako gizona zala agiri zitzaion. Segurantziari datxekon patxaran, eta patrika beteari datxekon irmotasunean, bere abotsa entzuten bide zuen hitzegitean, eta bere hitzak ongi neurtzen. Bere frantsesak Paris'ko doiñua zuen. Bere jazkera, snob izan gabe, dotorea zan, eta oso berrizalea. —Eta, zer moduz? Goazen whiskitxo bat hartzera. Onar zazu nere gomita hau. —Goazen bada —esan zuen Elsa'k, erdi harriturik. —Lehengoan —hasi zan Vanhamme— De Rijke'rengana joan nintzan: berriz ere minberatua nuen hagin bat. Beste bat. Eta ez zindudan zu han ikusi, laguntzaille berri itsusi bat baizik. Zalantza-une labur baten ondoan, De Rijke'ri zure galdea egiten ausartu nintzaion; eta bere kontsultazioa betirako utzi duzula esan zidan. Egia da? —Bai. Egia da. Ixillune bat gertatu zan. —Eta orain, zertan ari zera? Barka zazu nere jakin-miña; baiña zu bezelako emakume eder batez ez arduratzea, eziña zaio ezein gizoni. —Orain ikasgu batean ari naiz, paperetan beti murgildurik. Ez dut lan hau batere maite; baiña bizi egin behar da. Dana dala, anitz esker zure onginahiarengatik, Vanhamme jauna. —Ez horrela dei, arren. Antoine hobe da. Zergatik ez? Zer zan «zergatik ez» hura? Ba ote zekien gaiñerakoa? Hauxe zan Elsa'ren katramilla nagusia une hartan. Baietz iruditzen zitzaion: bestela ez zuen galdera hura ulertzen. Ala, beharbada, Vanhamme'k ezer jakin gabe ere uler zitekean... —Hamar urte dira etxegintzan hasi nintzala —ekin zuen Vanhamme'k. —Aitak emanaz gain, diru poxi bat neuk irabazi dudala ukatzerik ez dago. Eta Ukkel'go apartamendua utzi, eta Kraainem'era noa. Goitik bera nik asmatua, xalet bat eraiki dut Wezembeek-kalearen ondoko karrika batean. Leku paketsua benetan. Han gozatuko dut aurrerakoan nere bakardadea. Hogei-ta-hamazazpi urteetan etxe txukun bat atsegin-bide bat zait. Ez dakit ulertzen nauzun. —Bai, bai. Noski. —Laister aldatuko naiz. Hain zuzen ere, datorren igandean estrañatuko dut «Les Acacias» izeneko nere bizileku berria. Hori dala bide, jai txiki bat antolatu dut. Dantza eta xanpaiña piska bat izango dugu, eta nere adiskide batzuk etorriko dira. Gehienak beren emazteekin etorriko dira; nere garaieko lagunak ni baiño sendiberago gertatu baitira... Gazteago batzuk ere etorriko dira, beren andregaiekin edo laguntsekin. Hogei-ta-hamar bat bilduko gera guzira. Zergatik ez zatoz zu ere? Ni bakarrik nago. Ideiek ikaragarrizko zurrunbilloan jarraitzen zioten alkarri Elsa'ren irudimenean: «hunek ba daki dana, bestela ezin da hau konprenitu... dana baldin badaki, gisakoa da nik baietz esatea... De Riemaker lege-gizonak lehengoan esan zidanez, dibortzioa legez osatu artean, kontuz ibilli behar dut eragozpenik ez sortzeko, eta aitzekiarik Luc'i doharik ez eskeintzeko... hogei-ta-hamar baldin bagaude, ordea, zer axola duke?»... —De Rijke jaunak —moztu zuen Vanhamme'k— maiteegi zaitu, zutzaz hitzegiteko aukera gertatzen zaionean bururaiño ez baliatzeko. Dana kondatu zidan. Baita bera nola gelditu zan alargun! Horrengatik ausartu natzaizu gomita hau egiten. Azken zalantzak bapatean suntsitu ziran Elsa'rengan. Zergatik ez, egia esateko? Katea bat sortzen hasia somatzen zuen: Luc mendekatzeko Jean Vanden Broeck, hunekiko samiñak gozatzeko Antoine Vanhamme... «Ez —pentsatu zuen—. Joan bai, joango naiz; baiña hasieran bertan moztuko dut edozein gauza. Zin dagit. Burubidea nagusi». —Bai. Joango naiz. Nola eta nora joango, ordea? —Neuk jasoko zaitut zure etxean. —Ez. Nere etxean ez, otoi. Etxetik ez urrun bai, atsegiñez. Nahiago dut. Igandeko bostetan Pâquerettes eta Azalees kaleetako izkiñan egongo zan zai Elsa, zugaitzen aldetik. Hau izan zan adia. Trenaren gaiñeko zubitxoa pasa, beraz, eta hantxe, segittuan, Josaphat'en ertzean. —Igandera arte. * * * Bostetan, agindu bezela, han zan Elsa, eguzki kiskaltzailletik itzalean gerizatua. Ez zai, zai egoterik ez zitzaion egokitu eta. Bostak eta bostetan Jaguar-sport gorri diztiratsu batetik klasona jo zuen bi aldiz Vanhamme'k, bere besoa agirian eta lehiatillaz kanpo zeramala. Alkar agurtu, eta laister, laisterregi Elsa'ren ustez, sargori nekagarri hartan habaillaren haizeak azkenean bizkorturik, Kraainem'en ziran. Kalexka paketsu batean, paketsuago eta bakartiago oraindik igande arratsalde beroegi hartan, eta muño legun baten kaskoan, xalet zoragarri bat agertu zan. «Ma Chaumière» bera ez zan haren maillakoa izan. —Hori duzu «Les Acacias», esan zuen Vanhamme'k. Uztai antzeko atari batetik gora abiatu zan «Jaguar»a arinki. Berebillaren motorra ixildu zan. Hura pakea! Aurretik zugazti trinko bat agiri zan; eta han hemenka, baiñan ez alkargainka metaturik, Verviers'eko bazterretan zugaitz-mordoak bezelatsu, xalet batzuk, jauregi batzuk hobe, «Les Acacias»tikako musika epelean lozorroan igeri. Arbelazko teillatua, gaillurra zorrotz, eta sahetsean piziña urdin urdin bat, tranpoliña zaindari. Xaleta estaia bakarrekoa zan: behereko planta besterik ez zuen: «Zahartzaroan igo eta jetxi beharrik ez dut izango», esan zuen itzalgaizka. Tximene bitxi luze bat gaillen, etxearen zelatari, leiho zabalak alde guzietara; zenbait pago eder atzeko aldetik, enborrak arras lizundurik. Eta aurrean, atariaz gain, agiriko harriz eraikitako hesi bat, estalpe menditar bat erdian, eta parkin'ean bospasei berebil. Elsa'k ez zuen espanturik egin nahi, baiña lilluratuta zegoen arras. —Atsegin zaizu nere txabolatxoa? —galdegin zuen Vanhamme'k harro-harro, eta irribarre haren segurtasunak, segurkeriak ia-ia, hitz haiek faltsu egiñez. —Nori ez? Baiña hitz hauek ez zitzaizkion bihotzetik irten, zeren-eta une hartan Vanden Broeck'en irudia bururatu baitzitzaion, nahiz laister baztertua eta ahaztua. «Zertarako, ordea —pentsatu zuen Elsa'k— jauregirik ederrena, barruan zorion izpirik ez dagoenean? Nun nabarmenago gizonaren etsi-beharra Taj-Mahal paregabearen aurrean baiño?». «Ma Chaumière»z oroitu zan; eta Vanhamme'ri ia-ia urrikaldu egin zitzaion. Besteek bestela senditzen ote mundua? Ezin iñoiz hau jakin. Elsa'ren aburuz, ordea, hobe itsuskerian murgilduta bizi: «edertasunak zoritxarrekoago egiten gaitu». —Goazen barrura —esan zuen Vanhamme'k. —Ikus dezakezunez, hor ditugu zai nere lagun batzuk, botillak eta gaiñerantzekoak hustutzen ari. Zer hartuko duzu zuk? «Atsegin zait Elsa Scheelen zuri aurkeztutzea», esaten zuen Vanhamme'k behin eta berriz, etxeko living-bazkaldegi nasai hartan barrena gomitatuei ezagutataztean. Elsa bestetan baiño ere ederrago bide zegoen, eta ez zan hau erreza izaten: begirada sakonago, ibillera ariñago, mototsak luzatua soiña liraiñago, soiñekoaren berdeak agerrerazita larrua larrosago eta beroago kolorez. Izen haiek guziak gogoan hartzen saiatu zan, baiñan eziña izan zitzaion. Arkitekto batzuk, hiruzpa- lau, aurkeztu zizkion. Huntaz gogoratzen zan. Bakar bat, iruditu zitzaionez, ezkongai; eta gaiñerakoak, ezkonduak eta aita-familiako; Vanden Borne zeritzan osagille bat ere bai, emazte eder baten senarra; «artista»bat (margolari ote? ), kokotzean bizar kirrua, eta pittin bat konkortua, ezin dotoreago; etxegille bat, bi industria-gizon; eta, bukatzeko, merkatari ondasuntsu bat. Iñor gehiago? Ezin esan. Danak ezin apaiñago eta ezin aberatsago, zirudienez. Arratsaldea aurreratu ala, ematu egin zan sapa jasangaitz hura, eta eguraldia zoragarri mamitu illuntzerakoan. Gehienak kanpoko belardira irtetzean hasi ziran; eta han zeuden, multzo txikitan, zutik, edaria eskuan, irriz eta farrez. Bi zerbitzarik erratilluak hustu ala ornitzen zituzten. Giroan zegoen musika, hutsunean zintzilikaturik, iduriz haizez egiña; edo haizea musikaz egiña, nahiago bada. Alta- bozak —hamabost, gero jakin zuenez— oso apalki ari, eta abilki diximulaturik apaingarri gisa. Musika, hortara, iñundik bereziki etorri gabe, giroari berari zerion, behelañoan lanbro- ttanttak bezela. Etxe-barneko habeak eta zurezko zutarriak zuraren berezko itxura hartantxe zeuden agiri, besterik gabe; baiñan illun, ia beltz, margoturik. Nola uka hura zoragarria zanik? Edaria ez zan hurri, bestalde: herri eta erresuma guzietarik ba zegoen. Ezin denetarik dasta: hauxe zan buru- hauste bakarra! Mahain luzean eta erratillu ibiltarietan ez zan deus falta: ba zegoen joera guzietarako litxarkeriarik: gazi eta gozo, bero eta hotz. Umorea ondu eta alaitu ala, platerak eta basoak behin eta berriz hustu ala, hizketa ozenago egin zan; eta, zerbait entzun nahiz, hiru bider goratu behar izan zan musika, algara-nahaspilla hartan suntsitua. Ausartenak (zaharrenak!) laister hasi ziran dantzan, gutxitan nor bere emaztearekin. Vanhamme trenpu onean zegoen, eta oso berritsu. Elsa ez. Ez zan laket giro ez-ezagun hartan. Berria zitzaiolako? Antwerpe'n halako zerbait ezagutu zuen behin Luc'en ahaide batzuen etxean; baiña hura apalago izan zitzaion. —Hemen bizi zaitezke, bai —esan zion Vanhamme'ri halako batez hogei-ta-hamar bat urte zituen emakume apain batek. —Guk Uccle'n ez dugu giro hau aurkitu, eta ez aurkituko. Han soiñua, ke-usaia... ifernu bat. —Egia duzu, bai —erantsi zuen Elsa'k, zerbait erantzun beharrez. —Dieweg-kalean bizi izan naiz ni luzaz, eta mogimendu haundiegia zegoen, jasan-eziña. Hau gezur hutsa zitzaion, baiña kejati agertzea guztiz beharrezkoa da «haundiki»en artean, eta Elsa'k ba zekien. —Hara! Eta Lasalle'ko Kondea ezagutzen duzu? Hantxe bizi da, Observatoire'ren ondoan. —Ez, ez; ez dut ezagutzen. —Tamala da: oso gizon interesantea da. Zirtolari bikaiña, bidari amorratua, emakume kontuetan fiña. —Zertarako nahiko zenuteke zuek, ordea —ebaki zuen Vanhamme'k— hunelako xaletik? Zure René ez dakit nola moldatzen dan; baiñan aurtengo Otsaillean Suiza'n egon zerate biok hiru edo lau astez, eskiatzen omen... —Bi astez, Antoine —zuzendu zuen andreak, zigarroaren ke urdinska sudurretik ugari zeriolarik. —Bego! Bi astez. Eta udaran Saint Trop aldera joaten zerate urtero, bizpahiru hillabetez, hango zuen «zulo»ra (René ren hitz berberak erabiltzeko). Zertarako beharko zenuteke Bruselan hunelakorik ezer? Noiz gozatzeko? —Hori da aurpegi gogorra! —errepikatu zuen andreak. —Entzun duzu hori, René? —Bai, bai: ez duk lotsarik motel! —René'k erantzun. —Zuk bai —ekin zuen René'ren emazteak— zeuk behar duzu, beraz, hunelako jauregi bat, eta ez guk... Horra zer entzun behar dugun! Guk haurrik gabe bixigarriren bat behar dugu, ez duzu uste? Baiña zuk, Antoine Vanhamme gizajo horrek, zertarako? Zenbat hillabete da Acapulco'tik eta Denver'tik bihurtu zerala? Ez dut ikusi, horrengatik nere ustez, «Quick» zure zaldia. Nun duzu orain? Vanhamme poztu egin zan hauek Elsa'ren aurrean entzunda. —Barka, Antoine —entzun zan soprano abots batez. —Vanden Linden jaunak (nere senar maiteak, hobe...) baimena eman dit etxeko-jaunarekin rock hau dantzatzeko. If you want, of course... —With pleasure, Lily. Elsa'k ez zuen ezer esaten. Vanhamme'k bere xanpaiña-txola berriz ere beterik, ate ondoko aulki baten gaiñean utzi zuen; eta barru aldera jo zuten bi dantzariek, oiñak aixago irristatu beharrez. Lily'k galdetu: —Eta nor ekarri behar duzu zure piziña hortara? Tristea litzaizuke, nik uste, hor bakar-bakarrik zuk igeri egin beharra. Ez didazu ukatuko, Antoine! Gaiñera, eta hau ba nekien lehendik, ongi aukeratzen duzu beti. Esate baterako: ni alde batera utzi ninduzun orain dala hamar urte... eta orain, hori hartu. Truke azkarra, alajainkoa! Eta begi-kiñu gaixto bat Vanhamme'ri egiñez, Elsa begiratu zuen nabarmenki. Elsa, haiei begira lipar hartan, kezkatu egin zan poxi bat, dana entzun balu baiño areago eskierki. —Zorionak merezi ditut, beraz, ez da hala? —galdetu zuen Vanhamme'k, baiezkoa bere buruarentzako losentxa hartuz. —Uste dut edozein zozokeria egin ditekeala beragatik —ekin zuen Lily Vander Linden'ek. —Zuk ez duzu egin, ba dakit... —Oraindik ez. —Ez duzu iñoiz egiten. Baiña kasu hortan, baita ezkondu ere egin ditekeala dirudi! nundik atera duzu? Vanhamme pozik zegoen. Musika gelditu, eta biak Elsa'ren lagun-multzoarengana joan ziran. Lily zuzenean Elsa'rengana; eta belarrira, baiñan ongi goratik, esan zion: —Elsa omen deritzazu. Ez zaitut ezagutzen, Elsa; baiñan Antoine Vanhamme bai. Aholku bat emango dizut. gogor egiozu huni, gogor! Ez du piztia hunek besterik merezi. Mendeka nazazu, mendeka gaitzazu, hobe! Itxura egiñez, Vanhamme'k hasarretu-iduri egin zuen, esanez: —Adi zazu, Lily. Otoi! Zer dira «aholku» eragabe horiek... eta nere aurrean! Zer egin behar zuen Elsa'k? Harrituta zegoen, eta bere muziña bertago zan negarretik irribarretik baiño. Ia-ia itsusi zegoen. Beharrik Vanhamme, nunbait oharturik, dantzan egitera atera zuen. —Ongi ari? Ez zaituzte gehiegi galerazten, espero dut. Esatea daukazu bestela. Mutilzarrok, ba dakizu, emazteen tema gera: funtsean ezkondutako emakume guziek gorroto gaituzte. Eta ezkongaietan, ez gutxik. —Ez naute galerazten, ez. Baiñan ez ditut ezagutzen. Ez nago ohituta. —Tira, tira, Elsa. Ez didazu siñistarazi nahiko ez dizutela sekulan horrelakorik esan... Zu bezelako B. B. batek, eta zurikerietara eta zirto bihurrietara ohitua ez? Eziña. —Ez pentsa, Van... —Ez pentsa, Antoine. Eta «Antoine» hitza agerrarazi egin zuen. —Ez pentsa, Antoine. Luc'ek, nere senar-ohiak, ez du horrelakorik bere aurrean esatea nahi. Nere senarra ikaragarri jeloskorra da. Vanhamme algaraz hasi zan. —Bai, bai. Siñistu eziña zuri izanik ere, Luc oso jeloskorra da. Arrats gorria Mendebaldean, oso polliki illuntzen ari. Ezkerretan amets-zingira urdiña argiturik, hiru xirripa aratz eta oparok elikaturik, arratsaldean baiño urdiñago eta kilikagarriago. —Oso ederra, benetan —esan zion Elsa'k—. Argizko eta diztirazko hiru ur-uztai horiek, urdiña lau zatitan banaturik, emendatu egiten dute urdiñaren urdiña, sakonago egiñez. Oso ideia ona izan duzu. Piskanaka dantzari utzi, eta piziñaren ondora jende-talde ugari bat bildu zan, denen artean giza-arku bat marratuz, eta xirripa etengabeen xuxmurra beti lagun. Elsa'ren ondoan exeri zan Vanhamme, eskubiko besoa hunen aulkiaren atzetik jarrita, itxuraz bizkar agiri hura laztanduz. —Baliatu egin behar ditugu, bai, azkeneko aukera hauek —esan zuen Vanden Borne osagilleak. —Laister gureak egin du; eta belgikarrok Belgika'tik aldegin beharko dugu. —Bai horixe —baieztu zuen Vanhamme'k. —Europa'ko Merkatu Batua dala-ta, dana inglesez eta amerikarrez betetzen ari zaigu; eta Casteau'ko NATO'ren Buruzagitza dala-ta, yankeez ere bai. Administrazioan ez dago ezer «flamen» horiek baizik. Kongo'n jipoi ederra eman zigun Lumumba'k, beste ero askoren eta komunisten laguntzaz; baiña gure politikalari maiteek ez dute deus ikasi; eta Brusela «bougnoul»ez beterik dago, Mobutu'ren zerbitzu itsuan, eta nun-nahi belzkoteek gure lepora hemen ikasten dute eta, geroenean, buruan berriz emango digute! Inguru guzian entzun ziran algarak. —Azkeneko olatua, noski, españolena da. Midi aldera, Tanneurs, Blaes, Haute kaleetan, eziña da ezer: hura España da. Edonun gizonsko txiki, mehe, beltzaran, eta zalapartatsuz betea. Dendetan: «Comercio Español», «Especialidades Españolas». Barretan gitarra eta «flamenco»... —Hemengoa baiño interesgarriagoa azken hau, jakiña —esan zuen españeraz zerbait zekien norbaitek. Batzuk farrez, besteak harriturik. —Inguru horietan, hortara —jarraitu zuen Vanhamme'k—, erdi-flamenkerazko «marollien» hizkelgi bitxi hartatik, espaiñerara ari gera igarotzen zuzenean, frantsesaren arrastorik gabe! —Zelebrea, baiñan egia —entzun zan algaren artean. Elsa'k ez zuen ezer esaten. Nola esango ezer entzule mordo haren aurrean? Espaiñiarren hauzia berdin zitzaion. Hobe esateko, berdin izan zitzaion «Les Acacias» hartara joan arte. —Horixe! —baietsi zuen Vanden Borne osagilleak. —Atzo nere bezero batek esan zidana kondatuko dizuet bi hitzetan. Bere adiskide bati gertatu omen zaio; beraz, egia dala esan diteke. Sartu omen da berriki Merode-kaleko denda batean, ez dakit zeren eske. Eta ba ahal dakizute zer erantzun zaion dendan? Hauxe gutxi gora-behera: «Mesié: isi nu ne trabaión pa pur les etranyé». Hura algara! Eta espaiñerazko doiñua idurituz, berriz esan zuen fran-sesera kaskarrean gauza bera. Alegia: «jauna: hemen ez dugu guk atzerritarrentzako lanik egiten». —Egia ote da hori? —batek. —Eziña da! —beste batek. Hortik aurrera bero bero jarri zan alkarrizketa. Gutxi gora-behera danak bat zetozen puntu batean: Brusela hondatzen ari zan; eta kakoa hortantxe zegoen: alegia, flandretarrak barne, atzerritar gehiegi. —Ez, ez da arrazakoikeria —argitu nahi zuen Vander Linden'en emazte pertxentak. —Baiñan, espaiñarrak, esate baterako, zikiñak dira, oso zikiñak. Ez da beren errua, baiña geurea ere ez. Tanneurs edo Haute kaletik sartu, eta han espaiñiarrez beterik dagoela esan diteke ezer galdetu gabe: sotoak hondatzen hasiak dira nun-nahi, paretak (barka!) pixatoki bihurtu dira, eta ateen zurek, margorik ezaz, ardurarik ezaz batez ere, pipiak janak dirudite. Emakume beltz narratx horiek, bestalde, ankak lodi eta motz, abotsa beti zorrotz, beren hizkera presatu hortan. Soiñua, zarata, saltsa barretan, berandu arte. Ez dira gure bizi-moldera jartzen. Eta danaren gaiñetik, desordenua eta kiratsa. —Benetan —ekin zuen Vanden Linden andreak— nik ez nuke iñolaz ere iraunduko hauzo horietan. Eta «Marolles» tarrek berek ere ez; hauek jatorriz waloniarrak baitira, eta belgikarrak beraz. Elsa bere aitaz oroitzen zan horiek entzutean. Txikitandik italiar eta turkiar asko ezagutua zuen etxen, Mons'en, aitak mia-zulo guzietatik ateraiak. Ordurarte, flandretar arazoa alde batera utzi ezkero, bere aita urrutiegi joan ohi zala iruditzen zitzaion: «Sozialista baten bihotzean eta etxean —esan ohi zuen Scheelen jaunak— ez dago nazio arteko mugarik». Lehenengo aldiz aitak egia ote zuen somatzen hasi zan Elsa «Les Acacias»eneko giro harro eta arrazakoi hartan. Oso hotzean eta erdizka oraindik; baiña zerbait. Areago: «ez ote dira flandretarrak berak, hau eroaldia, funtsean kasu berean?». Zorabio bat nabaitu zuen, pekatu larri baten aurreko erabakia hartzean bezela edo. Eta atzera egin zuen: «Hemen esaten dana onartu eziña da, nere aitaren alde naiz dudarik gabe. Baiña flandretarren kasoa desberdiña da: gu zanpatu nahi gaituzte». —Atzerritarren ezagupide nagusia hau da: zikintasuna —entzun zuen Elsa'k. Danak farrez eta pozarren. Begirada goititu zuen: «Edertasuna eta zozotasuna maiz alkarturik!». Musika giroan zegoen, lehen bezela, beti entzungarri eta eder. Baiña algaren arteko ixilluneetan baizik ezin entzun. Goi izartsuan hodeirik ez. Handik laister zenbait lagun, herronka, joaten hasi ziran; eta Elsa'k aukera hura baliatu zuen Vanhamme'ri ordua gogoratzeko: —Nik joan egin behar dut. Hamaikak eta erdiak dira, eta bihar lanera joan behar dut. Ezin hutsegin, bestalde: hasi-berri xamarra naiz, eta hiru hillabetetako saio-aldia ez dut amaitua. «Hau txatxukeria: hunelako xehekerietan hastea», pentsatuko zuten hango guziek gutxi gora-behera, Elsa'ren hitzak entzun izan balituzte. Burgesen iritziz langilleek ziztrinkeriaz hanpatzen dituzte lanegin beharraren gorabeherak: «Gizajo horiek ez dute kategoriarik: txikikeritan ittotzen dira. Ez dute goitasunik». Behera lagundu zuen Vanhamme'k, eta Jaguar'ean urrundu ziran biak burrundara haundian, irtetzean klasona behin eta berriz joaz. Berebillaren leihoetatik haize epelak laztantzen zuen Elsa'ren aurpegi beroegia. Laister ziran Josaphat'en ondoan. —Agur —esan zuen Elsa'k, Vanhamme'ri eskua emanez. —Hunela ote zoazkit, Elsa? —galdetu zuen hunek Pâquerettes'ko izkiñan, Jaguar'aren motorra geldiarazi ondoren. Noizpehinka zugaztiko hostoen zurrumurru olerkitsua aditzen zan, haize bala batek eragiña. —Agur —esan zuen hozki berriro Elsa'k atea ideki nahiz. —Ongi jolastu zera? Ixillik ikusi zaitut askotan. —Bai, bai, ondo —erantzun zuen Elsa'k gogorik batere gabe. —Orain joan egin behar dut. Nola ideki diteke ate hau? Urduri jartzen hasia zan: ez zuen asmatzen, eta Vanham-e'k zirkiñik egin gabe begiratzen bide zion. Ez zuen Elsa'k egon hartan segi nahi. —Eta, noiz arte orain? —galdetu zuen Vanhamme'k. —Geroak esango du hori. —Zergatik presa hori? Bakarrik zaude. Hori uste dut bederen... Zenbat hillabete da zure senarrarengandik berezi ziñala? —Berdin da hori orain. Utz nazazu joatera. —Lau hillabete? Zortzi? Eta... gaiñerakoak... ustegabeko serora... Eta orain, etxera, bakarrik? Ez nauzu kafetxo bat hartzera gomitatzen? Hunelako gau eder batean, Elsa... Ez nuke oraintxe eta bakarrik bihurtu nahiko... —Utz nazazu pakean!! Idekazu ate madarikatu hau! —Ezin siñets. Hunela agurtzen nauzu, beraz? Hunela jokatu izan duzu beti zure miresleekin? Hortaz, zergatik utzi zaitu De Potter jaunak? Eta indarka besarkatuz, musu luze bat eman zion masailla legun beroan. Ezpaiñak alperrik billatu zituen, Elsa'k eskuaz estali baitzituen. —Atea, eta kitto! —Eta karrasika hasi zan: «Au secours!». Bapatean atea zabaldu zan. —Zakar hori! —esan zion Vanhamme'k. —Horrelakoxeak maite ditut nik emakumeak: eskuragaitzak. Agurrik esan gabe joan zan Elsa goruntz, bihotza oso hestututa. Jaguar'a laister abiatu zan indar guziaz, eta ikaragarrizko burrundan, hegoalderuntz, Iaisterketan ari balitz bezela urrundu. Elsa minduta zegoen, oso minduta: «Nortzat hartu nau ni horrek? Zer adierazi nahi zuen, bestalde, 'zenbat hillabete'ren galdera nazkagarri haren bidez? Horren «egarriak» nagoela uste du? Gizonak beti bat! Eta hunek, danaz gain, munduko nagusia dala uste du, eta bere besoetan ez erortzea eziña dala»... Ohera joan zan. Txit urduri alabaiñan: ezin loak har. Ordu biak, hirurak... Molière'n bezela berriz. Eta kanpoko atea iñork oraingoan idek zezan itxaropenik gabe... «Zenbat hillabete senarrarengandik berezi ziñala?... Horrela agurtzen nauzu?... Hunela jokatu izan duzu beti?... Zergatik utzi zaitu hortaz De Potter'ek?»... —Ez diot sekulan barkatuko! —esaten zuen ahapeka. —Zer uste zuen urde harroputz horrek? Beharbada, bere eroaldian, eta irudimenez, bere piziñan ikusi nau, billuzik, berari irribarrez so... Ondo jaioa dago! Eta beranduxeago erantsi: —Errua enea da, eta ez berea. Nork deitu nau ni sasi aiton-semeren saizulo hortara? Amorrazio hartan, konturatu gabe ezker aldera jarri zan, eta bereala oiñaze bizia sendi zuen sahetsean. Zutitu egin zan ikaraz. Berriz aldegiña zan. Beti bat. Legunki etzan zan eskubi aldera, eta gogoetari ekin zion. Aurrerakoan kontutan hartuko zuen gertatutakoa: hau izan zan gau hartako erabaki pozointsua. Handik aurrera kontuzago jokatuko zuen. Senarrarengandik berezi dan emazte ederra, emagaldutzat, edo kaskarintzat bederen, hartua da eskuarki. Vanden Broeck'en kakoa ez ote zuen alde huntatixek billatu behar? Hura entzuna zuen lehendik ere, baiñan ez zuen erdizka baizik siñistu. Orain bai. Orain bere buruz ikasia zekien: esaera hori xuxena da arras. Gizonetan arra ikusiko zuen aurrenik: arra jelean, susara, gori, abereak baiño okerrago. Hau ikusiko zuen beti lehenik, eta hitzetan ez zuen deusik ere sinistuko. Iñolaz ere ez onerizkoan eta lagundu nahiean hurbildutako gizon presturik: «emakume ederrekiko ez dago gizon onik». Arra emea lillu ratu nahiz, eta besterik ez. «Gizonekin kupidarik ez, eta mespretxua gidari. Eta haiek urrunago eta hobe», idatzi zuen. XIII Liburuxka izkutua ideki zuen berriz handik zenbait egunetara, eta arratsean idazten hasi zan: «Kaskarintzat hartzen naute gizonek: hauxe da denen kakoa. Ez dago dudarik. Senarra lehen izan, eta gaur ez dudalako, edozein gizonen besoetara nere burua aurtikitzeko zoratzen naizela iruditzen zaie... «Horrela idazten da Kondaira... «Zein urrun, ordea, ni ideia horietatik... «Bi aldiz maitatu dut nik bihotzez; eta bietan izan naiz iraindua, mespretxatua, ahaztua. «Irteerarik ezean, barne-hotzak ikaran, otoitz egin nahi izan dut; baiña haurretan ez nuen Jaungoikoarekin mintzatzen ikasi, eta nagusitan sarriago izan dut Jaungoikoa madarikatzeko aukera, bedeinkatzen eta erregutzen ikasteko baiño. «Malkorik gabeko negar-saio amaigabeak izan dira hortara nere otoitz bakarra. «Eta bietan damu izan dut maite ukana. Nere bihotza eman berriz nik? Iñolaz ere ez! Ematea eta galtzea bat dira. «Funtsezko erabaki guzietan nahastu bide naiz. Zertarako erabakiko aurrerantzean besterik ezer? Behin eta berriz, utzi nuen bideak salba bide nintzake, eta aukeratu nuenak hain zuzen kondena... «Probetasunetik igesi, gogoz hautatu nuen Luc, gogoz eta bihotzez bai; eta Romain gizajoa aixegi arbuiatu: Romain txiroa zan, Luc aberatsa. Ez nuen kalkulokerian jokatu, halere, edo diruzalekeriak eragiñik. Nere aukeraren kakoa sakonago zegoen. Aberastasunaren irudia Mons'eko txirotasunak eta behartasunak berak edertu zuten, sapa legorrak itsasaize heze hozkirria bezela. «Descamps'en salgu nagusian, polita naizelako hartu ninduten. Hamazazpi urteak bete berriak: «horren ederra izanik, Elsa, hemeretzi edo hogei dituzula ematen du; eta bulegora aldatzeko unea helduko zaizu. Ez kezka. «Aitaren ahalegiñen ondoren hartarako; sindikatoaren faboreak hartarako. Lanegin behar, ordea, eta lanbide hoberik ez. Lau urtetan barrena ikusi nuen eguzkiaren argia ateez bestaldera alperrik deika eta alperrik iraungitzen; eta ni beti saltzaille, beti eginkizun berean, beti katibu batez ere. «Igandeetan beretan, zer egiten nuen nik, zozo hunek, nere askatasun apur hura uxtiatzeko? Zer da askatasuna poltsikua hutsik daukanarentzako? Aitaren hitzetan siñistu nuen azkenean, erdizka bederen: burgesia nagusi dagoeño, txiroa izatea da mundu huntako zorigaitzik gaitzena'. Aitak 'erreboluzioa' egin nahi zuen. Nik ez nuen erreboluzioa siñisten, ez dut gaur ere siñisten, dirudunak gero eta gorrotoago baditut ere; eta neuretzako «erreboluzio' txiki bat egitea pentsatu nuen. «Nola ez nekien. «Baiña Luc nere bidean egokitu zalarik, berak erakutsi zidan ustekabean nik, txiro hunek, pairatzen duten ifernutik aldegiteko ateka bat. Zergatik arbuiatuko? Bizia behin ematen zaigu, ez bitan. Zergatik «ez» esango? «Eta amor eman nuen. «Zer espero nuen nik aberastasun berritik? Jator aitortuko dut: haur asko izan, danak musugorri eta danak aisian haziak; trenen txistu zorrotza arratsetan eta lo-egiterakoan entzuten ez zan etxe zabal bat, negu miñean epel; alperrik galdu beharra nuen denbora igarokorra, asti paketsu billakatu; soiñeko ederrak jantzi, eta nere eskuetako larrua beti legun atxiki; musikaz eta izadiaz gozatu ahal izan; norberaren zorte gaistoa mendekatu nahiz ameslariak elikatzen duen politikeriatik aldegin, erreboluzio-nahiaren oiñarria herra baita, eta ez amodioa; Kreta, Riviera eta Côte d'Azur'eko itsaso urdiña eta kresal sarkorra dastatu ahal izan. «Helburu nerekoiak, ba dakit. Eta besteenak? Nere aita miresten dut; baiña hodeietan bizi dala uste ere bai. Sozialismoaren lillurak alperrik xahuarazi dizkio egunak. Frakasu horren alaba eta mendekatzaille naiz ni. «Harira bihurtuz, Luc ez zan nigan izan Luc De Potter antwerpetarra, aberastasun-lillura horien ekarle-gaia baizik: gure haurrek Nikolas Saindua maite duten bezelaxe maite nuen nik Luc. Jator aitortzen dut: Luc nere gorputzaz maitemindu zan bezelatsu, eta ez nitzaz; ni neu ere, Luc'en bidez lortuko nuen bizimoduaz maitemindu nintzan, eta ez Luc'ez. «Gero topatu nuen nik Luc: aurkitu egiazki, eta ez idoro, ez bainuen billatu. Askoz beranduago, nere lilluren funditzeaz bestaldera: neuk ez baiña nere gorputzak ase zuela konturatzen hasi nintzanean. Ohartu gabe, nik Luc tronpatu nahi nuela ikusi nuen; eta berak ni ere bai. Aberastasunaren lilluren ipuiña eta haragiaren hurria gure aurrean billuzik agertu ziranean, laztu egin giñan biok, eta bateratsu nik uste. Luc'en mespretxua sendo aurkitu nuen beregan: nere gorputzaren eskasiaz etsita zegoen, eta beste emakumetara jo zuen. Huntan itsuago agertu zan ni baiño, irteerarik gabeko bide batean barrena abiatu baitzan. «Nik garbi ikusi nuen nere okerra: Luc antwerpetar zoritxarrekoa maite behar nuen, ez De Potter dirudunaren atzeko sasi-parabisua. Orduan nahi izan nuen Luc bera maitagunez irabazi, baiña berandu zan: maitekorrago ni agertu, eta bera zakarrago; arrastatzen hasia ni, eta bera hanpatuago zanpatzen; belauniko ni erreguz, bera gero harroputzago eta kupidagabeago. Amodioaren hazkurria mespretxua baita: arbuiatzenago eta maitatuago, maitatzenago eta arbuiatuago. «Hori dala bide, isiz, amorruz, Holanda'ra joan nintzan Jean Vanden Broeck'ekin; baiña handik bihurtzean, Loosdrecht'eko eta Amsterdam'go zorionaren ur freskua edan berria neukala erreparatu nuen... Berantegi! Nola lortzen ote dute nere adiñeko batzuk haragiaren eta sendimenaren arteko berezketa guzizko hori? Nola gerta diteke atsegin-mentura huts bat, izpirituaren joranak eta begirada baten oroitzapena laister erantsi gabe? Ez nau ni atsegiñen laburrak mindu, begitarteko muzin gogorrak eta maitagunearen suntsierak baizik. Lizunkeriak ez nau iñoiz biziki erakarri, eta mota hortako lillurazioen garaia pasea da neretzat. «Axaletik jokatzerik ez dudan ezkero, beraz, nundik irtengo? Irteerarik ez. «Ba dakit... somatzen hasia naiz... somatzen hazia hobe... Zoritxarraren hesi gaitzak ez dit aterik utziko, ez atekarik, ez zirrikiturik, ez arraildurarik: ezin gotorragoa da nere inguru guzian... «Zaratatik iges egin nuen pake billa, eta Dieweg-kalean nere ametsetako bat obratua uste nuen. Baiña laister kale zalapartatsuen iskanbilla etengabea billatu nuen, ixiltasunak ni errotik minbera nintzan bildur... «Herri txiki batetik iges egin nuen hiriburura: «Kalakariak eta kontakatilluak urrun utziko ditut», pentsatu nuen. Eta laister Jemappes'eko ezaguera haiek falta zitzaizkidala erreparatu nuen, eta Brusela'ko izengabekeria, ez deus senditzea, gorrotoago nituela utzitako berriketa salatari guziak baiño... «Egokia zitzaidan gaztetan emakume ederra izatea. Baiña gaur madarikatu egiten ditut nere liraintasuna eta nere begi nabar illunak. Emakumeek betidanik gorroto izan naute: ez dut iñoiz neska lagunik lortu: inguruko guziak, ikastetxean eta lantegian, izan zaizkit beti maiseatzaille gartsu eta gogor. Gizonek, aldiz, ez dute iñoiz egin nere gorputza desiratu besterik; eta sendimenduak nigan bi aldiz hozitu diranean, eta itsatsi, bietan malkoekin batera haragikeriaren legorteak igar-arazi ditu berengan nigan sasoiean erauziz. «Zertan gertatu zait adiskide, beraz, gogaituta naukan nere edertasun hori? Zenbait aldiz harrokeriaren atsegiña ezagutarazi dit, egia da; baiñan ez da hau behar nuena. Zorionekoak zuek, emakume itsusiok; zuen begietan josten diran begiradak ez baitira beheragoko bidean estakuru gisa pausatu! «Heriotzatik iges egin nahi izan nuen, azkenik. Luc'ek heriotzaren tema izan du beti, lizunkeriarena bezin ziña; biziaren eta heriotzaren iturburuak samintasunezko mendi-mazela berean jarioko balira bezela. Heriotzaren tema hori urte askotan nere pentsamenetik baztertzen saiatu naiz. Zertarako, ordea? Zergatik ez nere buruaz beste egingo? Eta kitto! Nori damutuko litzaioke? Egia du Luc'en huntan... Ez nuke egingo, halere. Bere burua hiltzen duenak munduan siñisten du era batean; eta munduaren bitxitasuna eta biziaren sentidurik eza bere burua ezdeustatuz ezkontarazi nahi ditu. «Bere burua hiltzen duenak konpondu egin nahi du mundua, oreka birrerosi nahi du, bere patuari dagokion absurdutasun atala fundiaraziz. «Lillura horietatik at nago ni: zirika-bide horiek errotik ukatzen ditut. Bizia joko bat da, joko garratza; baiña haundikeriarik gabe, apalki, jokatzen ikasi beharrekoa. Apaltasun horren lehenengo frogakaria, suizidioari uko egitea da. Etsi egin behar da baita geure buruaren heriotzaz. Ez du ezer konpontzen. «Bizieraren etsipenaren itsasoaz bestaldetik itzuli berria naiz. Olerkia gelditzen zait, musika, bidaiak, abereak. Hitz batez gizonaren bidez lortu behar ez diran helburuak eta atsegiñak. «Urrutira joan, oso urrutira, bakar bakarrik; eta haizea txistuka ari entzun. «Atzerritarra naiz ni ere, Baudelaire'ren arreba bizkia; eta berarekin diot: —Zer duk maiteenik, gizon bitxi horrek? Esak: hire aita, hire ama, hire arreba, hire anaia? —Ez dut nik ez aitarik, ez amarik, ez arrebarik, ez anaiarik. —Hire adiskideak ote? —Gaur arte neretzat funts ez-ezaguna atxiki duen hitz batez baliatu zera zure hortan. —Hire aberria? —Ez dakit nik zein eskualdetan dagoen. —Edertasuna? —Pozarren maitatuko nuke, jainkosa eta hillezkor. —Urrea? —Gorroto dut nik zuk Jaungoikoa gorroto duzun hainbat. —Hara! Eta zer maite duk hik, hortaz, atzerritar harrigarri horrek? —Hodeiak maite ditut... igarotzen diran hodeiak... han urruti... urruti... hodei zoragarriak! Baudelaire'k ba zekien, bai, nere etsipenaren berririk!» Luma utzi zuen; eta idatzitakoa irakurri zuen berriz hitzetik hortzera: «Ez, ez, ez da hau: besterik da senditzen dudana», esan zuen. «Senditzen dudana at dago, haruntzago, askoz haruntza go, illunpeetan barrurago. Ez naiz gauza! Mutua naiz! Mutua da gizona; eta mintzo dalarik ere, mutu dago». Eta ingurraztia hartu zuen, eta anitz puskatan bota zuen zakarretara. Eta gaiñean gelditu zan paper puskan hau irakurri zuen: «igarotzen diran hodeiak... urruti... hodei zoragarriak...». XIV Udarako azken igande hartan biziago ziran koloreak bestetan baiño, itzalak illunago, eta argia orixkago, epelago behar- bada. Eguraldia berotxo zegoen egunsentitik beretik; baiñan udara bukatua zan zalantzarik gabe, eta udazkena gertu. Goizegi zan, baiñan Elsa'k goiz jaiki nahi zuen, hain zuzen. Eta etxeko lan batzuk egin ondoren, tranbia hartu, eta Anderlecht'eko azoka ezagunera joan zan. Bertago eta zaunkak zaratatsuago. Bederatzi t'erdiak baizik ez izanik ere, erosleak eta ikusleak barrura eta kanpora ari ziran: kartoiezko kaja bat besapean abiatzen zan zenbait; beste zenbait, beren txakurtxo berri eta ñimiñoa soka batez alperrik tiratuz eta ibillaraziz; banaka batzuk doillorki zintzilika eramaki. Saltzaillerik gehienak flamenkeraz mintzo, mendeetan barrena bezela. Zenbat urte hartan Elsa hara ez azaldua? Behin etorri zan Luc'ekin, aspaldi, oso aspaldi; baiña Luc'ek ez zuen ezer erosi nahi izandu: «Aspertu egiten naute abereek». Hau entzutean gorroto txinparta bat piztu zan Elsa'ren barruan. Oraingoan katu bat erosi nahi zuen Elsa'k, beltza ahalean. Hau izango zuen aurrerakoan bere lagun bakarra. «Nork ukatu du abereak lagun hobeak diranik kristauak baiño?». Zakurren postuak pasata, eta ezkerretara jo baiño lehenago, ta aterpe beltz itsusi haien azpian (pittin bat Paris'ko «Les Halles» zaharretako aterpeetan bezelatsu), hegaztien eta untxien saltegiak alde batera utzi zituen, eta katu batzuk ikusi zituen, txori-kaioletan sarturik salgai. Ia-ia farre egin zuen. —Gizajo hori! —esan zuen—, saltzailleak katutxo beltz bat eskeintzen ziolarik. Zenbat balio du? —Berrehun libera —erantzun zion andreak—. Oso maitagarria da. Eta bere ama, nik aginduta, txit garbia da, benetan. Amaren ezpalekoa gertatzen baldin bada (izan-bada!) ez zaizu damutuko. Elsa'k altzoan hartu zuen; eta laztandu ala, katutxoak bizkarra altxatzen zuen, eta segidan isatsa, «miau» izuti fin-fin bat entzunaraziz. —Bai, beraz? Eramana ez zait damutuko? —Ez, ez. Lasai egon. —Ongi da. Emaidazu. Eta bere txori-kaiola hartara berriz sarrerazten zuen artean, aholku-zerrenda luze bat eman zion Elsa'k maitekiro. * * * «Hektos»-'eneko bulego berrian maiz oroitzen zan katuaz; eta etxerakoan pozgarri zitzaion han zai topatzea. Gauetan, halere, Elsa'k bere lo-gelako atea hetsi ohi zuen. Arramazka edo koska egingo ziolakoan? Ez, ez zan «Mimu»ren bildur. Baiña gauez Elsa esnatu ezkerotan, eta illunpetan katuaren bi begi argitsuak beltzean ustekabez erreparatzekotan, hura ikara! Bereala laketu zan «Mimu» Pâquerettes'ko etxean; eta majiña bat festa, triska eta jauzi egiten zion arratsean, aldiz Elsa' rengandik ero moduan urrunduz, aldiz konkor-konkorturik eta saiheska ondoratuz. Elsa'k farre egiten zuen komeria haiek ikusita. Telefonoa, beltza ere, mutu beti. Hura tresna bitxia! Telefonoa etxen eta, zertarako, egia esateko? Apaingarri? Ixiltasunaren lekuko? Besteen ahaztutzearen neurri? Etxea hartzerakoan, hobari bat eta oso egokia iruditu zitzaion, ia-ia beharrezkoa. Nor deitzeko, ordea? Noren deiak erantzuteko? Ez zuen pentsatu. Bakardadea aste-bukaeretan, bakardadea gau-miñetan, bakardadea Neuve-kaleko eskaparate jendetsuen beren aurrean. Egunak laburtu eta hoztu ala (eta laister laburtzen eta hoztutzen Brusela'n), zaillago zitzaion Josephat'eko parkera azaltzea. Emakume bat eta han bakarrik... zertara joana? Gauez ez zan iñolaz ausartzen: gizon bakarti batzuk han ikusiak zituen behin eta berriz, illunabarrean; eta susmorik txarrenak siñisteko gertu zegoen. Azkenengo igande arratsaldean gertatu zitzaionak oraindik ere uzkurrago eta etxekoiago egin zuen. Laurak aldean, eta euripean, lanbropean hobe, handik ari zan Elsa pasean, ezertan pentsatu gabe. Bere atzetik gizon baten urratsak hurbiltzen entzun zituen; eta laister abots bat: —Arratsalde on, andre hori —entzun zuen—. Joan dan igandean, eta ordu huntantxe, hemen ikusi zindudan, eta orduan ere bakarrik. Siñistu eziña da... Elsa'k arindu egin zuen ibillera, eta etxe aldera jo. Beharrik ez urruti. —Parke huntan mamitu nituen nik nere ametsik ederrenak... Hogei urte ia... Gaur, alargun, ez nuen nik uste... Beltxargen zingira eskubialdean utzi, eta bidexkatik gora abiatu zan, ustegabezko lagun aztun hura beti ondotik eta hizketan zerraikiola: —Nere emazte zana gogorazten didazu. Antza haundia duzu, benetan... Nere bizierak, haren heriotza gertatu ezkeroztik, ez du funtsik. Azalées'ko ezpaloiean zeuden. Elsa'k ez zuen aditzen, entzun arren. —Zugan somatu uste dut, beraz... Kontuz! Gizonaren karrasia, klason-aldi luze bat eta gomatiku-kirrinkada garratz bat batera gertatu ziran. Balkoi batetik andre zahar bat begira. Presaka joan nahiz, eta galtzaraz bestaldera, ia Pâquerettes'ko izkiñan bertan, itsu-itsuan hasia zan Elsa gurutzatzen. Itxuraz eskubialdeko kurpil-hegoak ikutu zuen, baiñan ez zan egia. Motorraren aurretik korrika igaroz, Elsa'k bere bideari ekin zion. Berebillaren lehiatillatik oihuka hasi zan gizon bat, bere onetatik arras aterata: —Zozo hori! Hobe huke begiratu, ezta? —Lasai zaitez, gizona —esaten zion Elsa'ren «jarraitzaille» ez-ezagunak, bapatean arazo hartan erantzule eta errudun. Elsa korrika Pâquerettes'tik gora; eta bi gizonak hantxe, ibiltaria eta xoferra, izkiñan, eztabaida gorrian. —Beharrik! —pentsatu zuen Elsa'k etxera sartzean. Atea bultzatu, hasperen bat egin, eta saltoka hurbildutako katuari agur egin zion: «Zer dugu, Mimu? Ez dakik zer gertatu zaidan. Parketik ninjoalarik...». Tinbrearen soiñua entzun zan. —Nor ote? —galdegin zion Elsa'k bere buruari. Eta ideki egin zuen. —Barka nazazu. Ezertxo ere gertatu ez zaizula ikusten dut. Hobe hola! Barka... Josaphat'eko abots berbera ari eta ari... Berrogei-ta-hamar bat urtetako burusoil apain bat begiztatu zuen Elsa'k. —... eta ba dakit hau modu bat ez dana. Baiña ni gertu naiz zurekin oraintxe tratu bat egiteko: esaidazu nun nahi duzun bizileku bat, apartamendu bat... Elsa'k zakarki hetsi zuen atea; giltza jiratu zuen, eta krisketa zeharkatu. Zoritxarrez ez zegoen beste zerraillurik... Ateaz bestaldera abotsa beti ari: —... xaleta bat, nahi duzuna; eta bihar horixe izango duzu. Ez duzu aurrerakoan diru-kezkarik izango. Zein opari nahi duzu nik bihar eskeintzea? Bihar bertan... —F... moi la paix! Eta irratia piztu zuen, goratik, ahal bezin goratik, karrasi bizian: —Ba dut beste kezkabide bat gaur gauerako. Berriz etorriko ote zait «eskuzabal» zerri hori? Danak hasten berdin: nahi dudana emateko gertu, nere begirada behar omen eta ez besterik, nere bakardadeaz ohartu eta lagundu nahi nautela... Ipuiñak! Gauza bakar bat nahi dute nigandik! Danak gorroto ditut... «Danak gorroto ditut, bai, gizon guzi-guziak!» * * * Gero eta goizago oheratzen zan, goizago loak hartu nahian. Zortzi t'erdietarako egoten zan maiz ohean. Baiña gero eta zaillago lotan hastea, gero eta ugariago barbiturikoak. Noiz arte hala? Noraiño jetxi beharko? Ez zuen mugarik ikusten. XV Elsa'k leihoa idekitzerakoan, gelditasun osoa nabaitu zuen. Bazter haietan harrigarri, urrungo galtzara orroa ez baitzan sarri falta. Zer ordu ote zan? Ez zekien. Esnatu berria, erdi itzarrik, goruntz altxa zuen begirada, eta, eguzkierreak itsuturik, begiak hetsi behar izan zituen. Soiñurik batere ez: goizegi nunbait. Zer zan hura? Pakea? Eta, pakea zertarako? Eguraldi bikain hura zertarako? Igandeetako astia, zertarako-? Itsu-une labur hura gaindituta, hodei zabal, goibel eta bakar bat ikusi zuen berriz, zeru goia ia guziz estaltzen zuelarik, bere zabalera nasaiean barrena beti bat: txuriska, kolore-litsik gabea. Eta kopetan, bigarren aldiz, oiñaze berbera etorri zitzaion. Argitsuegi, zuriegi nunbait ohetik begiratzeko. Jaiki egin zan. Egun- sentia aspaldian urratua, eta giroa hozkirri. Pâquerettes-kaleko bi buruetako tellatuen artetik, apaingarri gisa, zeru-zerrenda urdin bat agiri, koroa modura, hodei bakar hura Brusela'ko estalki berezi bihurtuz. Mingaiña itsaskor sendi zuen Elsa'k: —Ene! —esan zuen—. Hau urdail txarra! Eta gelako barru aldera itzuli zuen aurpegia. Burua axolagabe azkatu, illeak behin eta berriz (eta umore errean) begitartetik baztertu, irratia piztu, eta erlojua begiratu zuen: bederatziak hamar gutxi: —Bederatziak hamar gutxi besterik ez! Eta ixiltasun bitxi hau halere... Igandea da, bai, baiñan... Eta hitz zantar bat erantsi zuen. —Ingandea oraindik! —esan zuen ohean exeriaz—. Beti bide da igandea! Berriz jaiki, eta gelako atea ideki zuen. Orduantxe sartu zan katua, igesi baiño azkarrago. —Egun on, Mimu! Igandea diagu berriz. Zertaz beteko? Egun oso bat libro... zer egiteko? Bizi oso bat haizez eta dolorez betetzeko! Gosaldu, gela txukundu, harropa batzuk jabatu... Deus ez. Hamarrak irian berriz leihora zan, gogaituta, eta zerbait egin beharrez sagar bat zuritu zuen, eta jan. Lehenagoko hodei bakar hura bere hartan zegoen; eta inguruko koroa urdiña ere bai bere hartan, urdiñago menturaz. Aldameneko hauzokoa, ekonomista bizibidez Laurent bigarren estaiako andre alargunak jakiñarazi zionez (eta Laurent andreak inguru guzikoen berri ba zekien, nolatan Elsa'k ulertzen ez zuela), postu goren bat zeukan Loosberg harek ministerioetan. P.L.P. partiduan entzute haundiko gizona omen zan, eta Belgika bakar eta hillezkorrean siñisten zuen. Egun hartan —eta igandero bezela, egia esateko— jazkera berezi hura zeraman Loosberg jaunak; eta berebillaren ondoan lau zigillu zituen, kolore desberdiñetakoak, eta laurak ezin polittago: bat ur garbi et xalbointsuz betea bide zan, bigarren bat pasa ondoko ur arrez, hirugarren bat ur gardenez nunbait; eta laugarrena... zelako? Ezin esan. Koloniako urez ote? Litekeana. Ba zituen ere, aulki txiki baten gaiñean, bospasei zapi, kolorez eta lodieraz danak desberdiñak; bi kartoiezko kaja haundi, eta beste hiru txiki; eta beste majiña bat poto, tresna bitxi, zepillo eta garbikaillu. Loosberg jauna, apaizen modura Elsa'k somatu uste zuenez, liturjian ari bide zan, eta zapien illara ez zan sekulan aldatzen: Elsa'k errepara zezakeanaz, eta bakanka ikusitako mezen oroitzapenak gogorazten zionez eskubitara aurrenik, ezkerretara gero; ardoa lehendabizi, ura segidan; eta abar. Gauza bera Loosberg jauna. Lehendabizikorik, berebil guzia ur xalbointsuz nasaikiro bustitzeko, zapi berdea hartu ohi zuen, eta bigarren zigilluan xukatzen zuen, berebilla kontuz eta legunki ferekatu ondoren. Lehenengo pasada hura bukatzean, hirugarren zigillua erabiltzen zuen, zapi gorri batez; eta leihatilletako kristalak garbitzeko beste bat. Zillarraideak, jakiña, beste bi zapiz egiten zituen: bata hezatzeko, eta bestea ferekatzeko eta diztira aterarazteko. Ezpaloi ertza busti ez zedin, zigillu, sulla, eta poto guzien azpian, «Le Soir»-en horri batzuek ipintzen zituen. Eta bere lanean ari zan artean, txistu egin ohi zuen eten gabe, trenpurik onenean; eta batzutan ozenki kantatu ere bai. «Apaiz eta txantre batera. Bapo!». Jendetzarik ez zan egiazki handik igarotzen; baiñan ondotik norbait zijoakionean ere, eta berari so igaroagatik, Loosberg jaunak ez bide zuen erreparatzen. Bere eginkizunean murgildua zan osotara. Hamabi t'erdiak aldean bazkaltzera etxeratzen zan; baiña bazkal ondoan berriz ere, eta zirudienez losustarik egin gabe, garbiketari ekiten zion. Bostak aldean, hortara, emaztearekin eta guztiz dotore jantzirik irtetzen zalarik, fabrikatik beretik ateratzean baiño diztiranteago eta apaiñago zegoen. Ba zituen, esan beharrik ez, apaingarri guziak: kurpilletan, barruko aldean, nun nahi, Peugeot'ek saltzen zituen eraskin guziak erosirik zituen salgai agertu ala; eta, hau dala-ta bestea dala, lau argi zuri eta bi hori jarrarazirik. Nora joan ohi ote ziran «ekonomista» hura eta bere emazte flakuxka eta argala? Elsa'k ez zekien, eta ansi ez zitzaion; baiña Laurent alargunak ez zekien, eta oso axola zitzaion. Elsa, dana dala, «antiklerikalago» jartzen bide zan Loosberg «apaiz» haren liturgia eta azalkeria ikusita, oso noizpehinka Schaerbeek' eko kalean topatzen zituenak ikusita baiño. «Jaungoikoak kurpillak ditu gaur», esan ohi zuen Scheelen jaunak; eta Elsa'k aita onartzen zuela nabaitu zuen. Guztiz higuinduta, eta igandeetako ohitura ongi ezaguturik Elsak, nabarmenki hetsi zuen leihoa; hain zuzen ere Loosberg'ek entzun zezan moduan. Baiña hunek ez zuen erreparatu. —Horra hor gizon bat —esan zuen etxe barnetik—. Horra hor piztia hiliezkor bat, omen... Eta farrez hasi zan. —Nere aitak egia zuen. Eta katua magalean hartuz laztandu egin zuen luzaz, ezer esan gabe. Bazkari arin bat prestatu, moltsa gorri beltzean sartu, eta Josaphat aldera jo zuen, han eguzkitan bazkaltzeko asmotan. Beltxargen zingiratxo paketsua ezkerretara utziz, goiko belardi garaiean pausatu zan. Udazkeneko tristura giroan igeri. Haizerik ez, jenderik ez, soiñu haundirik ez: goitik igarotzen ziran tranbien eta berebillen hotsaz kanpo: halaxe maite zuen Josaphat'eko parkea: «tamala hestuegi dala». Bakardade berriak alde on bat izan zuen beretzako: billatzen dan ixiltasunaren kutsu olerkitsua, negarretatik haruntz eta bestaldera aurki ditekeana, ezagutarazi baitzion. Eta hau ez zitzaion gutxi. Aspaldian irakurritako liburu batzuk (Dieweg- -kaleko usaiez inguratuak ez gutxi) berriz irakurri zituen, eta guztiz desberdinki sendi eta ulertu zituen. Hauxe zan, dana dala, «Hektos»-eneko lan berriak zuen alderdi on bakarra: liburutegi ugaritxo bat bere eskuarrean jarri ziola. Luc'ekin sasi-biziera bat eraman zuela antzematen zuen. Eta «Ma Chaumière»koa ez zala bakartasuna izan, alperrik eta berantetsirik zai egotea baizik. Olerkariek eta santuek bakardadea billatu egiten dute, pariek eta legendunek pairatzen. Zenbatetan pentsatzen zuen: «ai hemen banitu Ukkel'en nituen diskoteka eta estereofonia ederra! Ez zitzaizkidan gaur gaitzi izango». Laister hasi ziran gauzak parkean aldatzen. Arratsalde hartan, maiz bezela, arkulari-txapelketa zegoen. Goiko zelaiean lau tantai berde luzeak (burdiñazko zelosian eta aldagabe azpian, arin eta hagaren antzeko eta jiragarri goiko partean), tente zeuden, zai, lerro-lerro. Txapelketako laguntzailleak tantaien muturretan koloretako arteskarrak ipintzen hasi ziran, hartarako goiko hagak ardatzean jiraraziz. Soka batetik gero helduz, eta piskanaka soka hura laxatuz, hagak ardatzean jiratzen ziran balantza egiñez, poxi bat errota-besoen modura; eta hagak zutitzera uzten zituzten hortara. Sarde bitxi haien makilla erraretan, hiru maillatan, eta punttaren punttan ere bai, lore sorta gisa, arteskar mordoak agiri ziran, arkularientzako tentagarri eta epaikari. Talde txikitan, eta oso nagiki, goruntz zetozten arkulariak. Bi arkudun eta lagun bat hemen, hiru arkudun eta hiru lagun han; eta hortara. Zenbat guzira? Hogei-ta-hamar bat? Ordu erdi batean jokoa hasteko gertu zegoen. Burdin-sarez antolatutako aterpe txikietan inor ez: arkulariek ez bide zuten gerizatzeko beharrik senditzen. Begiratraille gutxi inguruetan. Danak flamenkeraz mintzo. Jokoaren txabola berezian, edo trabenan hobe, Elsa'k ulertzen ez zuen idazki hau: «Koninglijke St.Sebastiaan's Gilde, 1598- 1948». Arkuak haundiak ziran, eta oso mota desberdiñetakoak. Tente jarrita jaurtikitzailleen burua baino gorago agertzen ziran. Zenbait arkuk zuraren kolorea atxikitzen zuten, beste batzuk aldiz beltz eta berde, beste batzuk urrezkoak iduriz. Danak, hau bai, ezin apainago, ezin zaituago, ezin diztiratsuago. Denen artean arku bakar bat aukeratu behar izan ezkero, aski lan! Elsa'k arretaz, txunditurik, eta ez hizkuntza eta ez egiñak ulertzen ez zituela, prestamen haiek aztertzen zituen. Jaun zahar illezuri batek koipez (eta amodioz...) igurtzitzen zuen bere arkua; beste batek, haur batzuen begirada harrituaren aurrean, saiatu egiten zan behin eta berriz, azkarki tinkatuz eta largatuz, eta azkenean gezi bat belardian polliki botaiaz. Halako batez arkulari dotore bat, besaburuak larruz jantzirik, lehenengo tantaiaren ondora joan zan, bigarren tantaia arteskarrez gertatzen zuten unean. Belaun bat lurrean jarri, eta arkua errara, zeharka. Muturrean, goian, zintzilik zeuden sasi-lore ori haiek. Arteskarrak geziez erauzi behar: horra jokoa. Lehenengo arkulariak, luzaz begiztatu ondoren —eta egoera ez-erosoan bestalde, Elsa'ri iruditu ziztzaionez— jaurtiki egin zuen azkenean. Gezia xut-xut, goruntz abiatu zan azkar, tantaiaren ondotik pare-parean iduriz, eta zuzenki sasi-lore haietara. Baiña arteskarrik ikutu gabe tantaia baiño gorago igo zan, segidan beheruntz abiatuz. Hutsa, beraz. Urrengo arkularia hurbildu zan; eta gero beste bat, eta gaiñerakoak. Gero danak bigarren aldiz, eta hirugarrenez. Arteskarrak, geziek erauzita, lurrera erortzen ziran; eta arteskarrak aitzean, sokaz makurrarazten ziran hagak ardatzetan jira- araziz, mutturra jetxi arte; eta orduan berriz ornitzen ziran, bospasei «lore» ipiñiz, edo gehiago, kolore desberdiñetan. Gora eta behera hauetan hagak honda ez zitezen, aulki edo langa berezitan pausatzen ziran punttak, lurraren kontra lardazka ez zitezen. Luzaz hortan? Ez zekien Elsa'k. Uste zuenez lehenengo aldiz ikusi zuen kirol-sorta bitxi hura; eta entretenigarri izan zitzaion lehenengo momentuetan. Ez zuen Elsa'k sumatzen, dana dala, Belgika'ko Arkularien Alkartasun bat izan zitekeanik. Piskanaka petankaz gertatzen zitzaiona gertatu zitzaion: alegia, aspergarri zitzaiola arras, eta hartan denbora gizonek pasa ahal izatea ulertu eziña. Arratsaldea aurrera zijoan gelditasunean: oso polliki eta oso ixillik. «Fontaine d'Amour» deritzan parkeko aldera jo zuen Elsa'k: «Eguraldi eder hau nik gaur modu huntara hondatu beharra!... Eta geziak botaiaz igarotzea, goragarriago ote? Gure aspertzea izkutatu: horra hor mundu huntan lortu nahi dan bakarra»... «La Laiterie»ko mahaiñetan jendetza ugaria ikusi zuen, muskerrak bezelatsu eguzkitan egonean, eta hauek bezin aspertuta itxura zanez. Loosberg jaunaren lanak gogoratu zitzaizkion. Arkularien ordu hutsak ezagutu zituen; eta, egia aitortzeko, beteago ahal ziran hauenak Elsa'renak baiño? Ez egun hartan, noski; baiñan ez aurrekoetan ere. Noiznahi Luc zugaitz baten kontra abiatzeko gertu egotea, egon ohi zan bezela; hitzik esan gabe Luc'ek eta Elsa'k ordu osoak igarotzea; gogorik batere gabe oheko atsegin hits hartara, Luc'ek jo ohi zuen bezela, ez haragiak deitua baiña haragia deitu nahiz, zer zan? Zer zan lizunkeriaren sasi-egarri hura Luc-engan, urteetan zehar anitz eratara elikatua, aspertze funtsezko bakar baten seiñalea baizik? «Jendea aspertu egiten da —zion Elsa'k berekiko—. Ni neu ere aspertu egiten naiz; baiña Pâquerettes'era etorri arte ez nekien. Orduan Luc falta zitzaidan, haurrak falta zitzaizkidan, gauza askoren gabea nabaitzen nuen. Gaur, aldiz, dana sobera zait, mundu osoa zait gehiegizko eta larregi». Eta aurrera ekin zion gogoetari: «Nere bakardadea, eta beste horien jokoak, Coca-Colak eta ekintzak; sasi ezkertarren erreboluzio-nahia eta kabaretak, mistika eta ordikeria, funtsean orobat, katramilla izkutu berberaren ondorio dira: denboraren igaroaren ito behar ixilla eta aitortu-eziña uko egiteko moduak. Ez du gizadia denboraren ixuri etengabeak izutzen. Areago lazten gaitu denbora huts aspergarri hau bete behar hertsiak. Denbora polikiegi igarotzen da: horra kakoa. Nere bakardadea nabarmena da; besteena itxuretan diximulatua. Funtsean biak gauza bera.» Arratsalde urdin zoragarri hura, itsasoaren baretasun zabala, illunabarretako pake naharea, olerki eta itxaropen zoriontsuen oiñarri gertatu beharrean, kezka-iturri mingotsak zitzaizkion Elsa'ri; ez baitzuen hunek, ez baitu iñork, haien arabetako egiazko betegarririk. «Zerua beti izan zait ederregia», ohi zuen esan. Hutsunea nekez mukuru diteke hutsez. Hutsunea, aitzitik, hutsa erantsiz, haundiago egiten da, sakonago, gorriago, hutsago. Elsa etxera zanean, hortara, erdi filosofia hartan hausnarketa egin ordoren, astelehenaren gertuari zatxekon goragaleaz gain, besteak baiño zoritxarrekoago ez izateko ustea zeraman buruan. Eta uste hunek, ukaera hutsa izanik ere, gozatu egin zizkion igande hartako ordurik illunenak. Beretzat igande argitsu epel hura, hutsa izan zuen; baiña betetzeko asmoari eroaldi bat zeritzan, sekulan iñork betetzen ez zuen lillura zoroa. Zubiaren ondoan, «La Caravelle» bar ñimiñoaren ondoan, gazte talde bat topatu zuen, itxuraz zai. Elsa'ren etxetik bertago, Pâquerettes eta Azalées kaleetako izkiñan, «La Taverne du Parc»—eneko billar-mahaiñak jendez inguraturik. —Horra —esan zuen— Horra hor horiek ere nere pentsamendu garratzen lekuko. Berek ez dakite; baiña nik orain ba dakit. Ba dakit nekez izkutatzen duguna danok gure norarik eza. Emakumerik batto ere ez: «beharrik»-esan zuen harropuzturik. Etxera sartu zan: —Eta datorren larunbatean berriz De Riemaker'engana. Zertarako? Ez dakit. Egia esateko, zertarako nere dibortzioa? Zertarako egia legetuko?». Beti bezin jostalari «Minu» etxen. Elsa'k galdera berberak egin zizkion. Katuak isatsa altxa zuen: —Hire barruan egon nahiko nikek batzutan, Mimu. Eta muturrean muiñegin zion. —Beti bustia hire sudur punta, zikin hori! —Eta zoruan pausatu zuen. XVI —Jar zaitez—esan zuen De Riemaker legegizonak. —Eta barka zaidazu itxaron araztea. Lehengoan ere gauza bera gertatu zitzaigun, ezta? —Ez dio axolarik, —erantzun zuen Elsa'k exeritzen zalarik. Hunen aurrean, paper pillo bat nekez tajutzen ari, gizon sendo bat mintzo, berrogei ta hamar urtetan adiñez. Hunen atzean apal luzeak, hiru herrenkadatan, liburu beltzez beterik. Zahar-kutsua erredizetan, eta dena illun. Elsa'k hotza sendi zuen eskuak mahaiñaren gaiñean ipintzean: mahain gaiñeko beiraki lodiak izoztuta zirudien. —Berri txar bat eman behar dizut —jarraitu zuen De Riemaker'ek, beti paperetan alperrik miatuz— Berri txar bat, bai; uste dut bederen... Etzi astelehenean erabaki behar zan zure hauzia, luzatua izan da. Idorotzen ez dudan paper hortan esan didatenez, 1967-ko Otsaillaren seia arte itxaron beharko dugu. Lan haundiegia omen dago. Dirudienez ezkontzen bezin aixa berezten ere da gaur; eta Hauzitegian gaiñezka bide daude. —Ia lau hillabetez luzatu, beraz? —erantzun zuen Elsa'k, agirian nardaturik. —Bai, andrea. Hiru hillabete t'erdi dira, ia-ia lau hillabete oso hain zuzen. —Ene, ene! Hau nazka! —Barka zaidazu nere galdera —ekin zuen De Riemaker'ek. —Eginkizunen bat ote zenuen epe horren barrurako, asmoren bat ote? Ez dakit nik. Beharbada... beharbada ezkontzekotan zaude. Nik dakita? —Utz nazazu pakean! Esanda segittuan, izutu egin zan Elsa, erabillitako doiñuaz batez ere. Liburuen herrenkadak arrotzago agertu zitzaizkion bapatean. —Barka nazazu —ekin zuen Elsa'k, askoz ere emekiago. —Barka zazu nere doiñuaren zakarra batez ere, De Riemaker jauna. —Ez da ezer. Enea da errua. —Uler nazazu. Istillu hauen ondorioz ez dut ezertarako presarik. Ezkontzeko asmorik ez dut, eta ez izango ere. Gizon baten... beharrik... ez dut iñundik! Siñistuta egon zaitez! Berriz hasia zan Elsa gorago hitzegiten. —Ongi da, ongi da —erantzun zion De Riemaker'ek, hizkeraren leguntasunaren bidez Elsa lasaitu nahiz. —Ongi da. Baiña ba dago beste eragozpen txiki bat oraiño. —Beste bat? —berriz Elsa'k garratz eta goratik. —Ez da gauza larri bat. Baiña nik esan nizuna esan didate Hauzitegian. Alegia, gure hauzi-txostena irakurri omen dute, eta ez omen dago garbi zure kasoa... —Ez dagoela garbi? Ez dagoela garbi? Zer dago garbi, hortaz? —Berek, nik bezela, ez dute zutzaz dudarik egiten. Kakoa ez da gure iritzi hori, ordea. Kakoa gure txostena da; eta guk ez dugu, egia esateko, frogabide haundirik aurkeztutzen txostenean. Ulertzen duzu? —Zer da frogakari bat horien ustez? —Gutun mordo bat, esate baterako, De Pottet jaunak besteri idatzia: maitale bati bidalia, gonbarazio batera. Behin —lehengoan esan zenidanez— zure senar ohiaren gutun mamitsu eta nabarmen bat aurkitu zenuen, hain zuzen, beste emakume batekiko bere maitasuna eta hartu-emanak aipatzen zituena. —Bai. Nola eskuetara zitzaidan ere azaldu nizun! —Tamala da, esate baterako, gutun horren kopiarik edo fotorik guk ez izatea, eta ezin hortaz deus aurkeztutzea. —Eta, nola? Nola nahi dute paperkoi horiek horrelakorik nik lortzea edo biltzea? Nola nahi dute, batez ere, lortu ezkero ere, horrelakorik nik atxikitzea, eta alde batera eta bestera erabiltzea? Nik bihotza dut! —Ba dakit, bai —esan zuen berriz hotzean De Riemaker'ek.—Hara! Hemen duzu, gostata, neri iritxitako gutun hori: «Komeni izango litzake frogakari batzuk hauzi-txostenari erastea: gutun batzuk, fotografiaren bat, zenbait lekukoren deklarazioak, eta horrelakorik». —Foto-makiña bat erabilli ordez, zizpoleta bat erabilli beharko nukean nik nere senarra foto mamitsu bat ateratzeko «eran» harrapatu ezkerotan! —Ba dakit, andrea. Baiña Legeak frogakariak behar ditu, eta nik neuk ere bai. —Legeak paperak epaitzen ditu, ez pertsonak. Ni ez naute sekulan epaituko. Huntaz ziur nago! —Legeak ezin dezake sendimenduen arabera joka. Egia duzu, beraz, hein batean. —Legea ez da sortu gizonen zerbitzuko, paperen laguntzaille baizik. Erresuma guziak dira pertsonaren etsai! De Riemaker ez zan pozik, eta ez gutxiagorik ere; eta bere hizkera lehen baiño ofizialago egin zuen! —Nolanahi ere, lau hillabetez itxaron behar. Gogorra zaizu, ba dakit. Gure txostena ahula baita, zu kontuzago ibiltzea komeni izango litzake. —Nola? —Barka nazazu berriz ere; baiña, legegizona naizen aldetik, legearen izenean mintzatu behar natzaizu, hau atsekabe baldin bazait ere; eta gure arazoan gerta dakizkigukean estropozoak ezagutarazi behar dizkitzut. —Zergatik kontuzago? Zer dala-ta? Ez naiz kantoiñetan zai gelditu ohi! —Begira. Jendeak aixa egiten du berriketa gauza hauetaz. Maizago falta du hortaz hitzegiteko aitzekia, gogoa baiño; lizunkeria izan baitzaio betidanik hutsunea diximulatzeko eta ahaztutzeko bide bakarra. —«Ia neuk esango nituzkean hitz berberak esan ditu»— pentsatu zuen Elsa'k, ezer aipatu gabe halere. —Etxerakoan, esate baterako: goiztxo joatea hobe; eta gizonen batek noizpait laguntzen badizu, eta hau normala da zure kasuan, edertasuna ez baitzaizu falta... —Uztazu alde bat nere edertasuna, otoi. —Gizonen batek lagundu nahi badizu, beraz, hobe duzu, esaterako, zure etxe ondoraiño ez dedilla joan. Ehun egunez kasu eman beharko duzu. Ez duzu beste erremediorik. Esamesak errotik erauzi behar ditugu... Lehen ere hau esan nizun, nik uste. —Aski da! Ezer besterik? —ebaki zuen Elsa'k murrizki, zutik jartzen zalarik. —Noizpait —ekin zuen De Riemaker'ek, beti hotz-hotzean— De Potter'en gutunen bat eskuratzen baduzu, edo horrelako zerbait, oso eraskin egokia izango da gure paperen gehigarri. Eta, gaitzi zait gogoratzea: berrogei milla libera eman behar ditugu bururaiño joan nahi duzula adierazteko. Ez zuen Elsa'k ezer erantzun segidan. «Berrogei milla libera?», pentsatu zuen izuturik. Eta, nori eskatuko? Nundik aterako? Azken xoxa tturrindu, eta halere zer?». —Bai jauna —erantzun zuen Elsa'k, esaten zuena neurtu gabe. Bere onetatik aterata irten zan bulego illun hartatik. Zerk nazkatzen zuen gehienik? Ez zekien. Ez zuen ezkontzeko gogorik, gizonak bihotzaren erditik gorroto zituelako azken bolada hartan: ez zuen, beraz, alde hortatik ez iñorako eta ez iñolako urratsik egiteko asmorik ondoko hillabeteetan. Zer axola zekiokean, beraz, egon hartan egotea? Deus ez, noski. Pâquerettes'ko sotoan bertan hau irakur zitekean tinbrearen ondoko plastikozko Iaukitxoan: «Elsa Scheelen». De Potter izena, alegia, ez zan iñun agiri. Zergatik, beraz, presa hura? Zertarako egoera legetuko? Egia. Baiña paperen eta egiaren arteko berezketa guztizko hura, beti zai egon beharra, oraindik ere lau hillabetez epaitzaren haiduru egon beharra, gaitzi zitzaion. Bere burua mementoko kutsu igarokorrean murgildurik somatzen zuen; bere senar-ohiarekiko lege-egoera zentzugabe hura zala-ta, ez zuen ezer egiten, eta ez zan ezer egiteko abiaduran jartzen. «Oraingoz... bi hillabeterengatik...». Zenbatetan harrapatu zuen bere burua «oraingoz» hitzari datxekon gogoeta idor eta elbarritzaille hortan azpiraturik? Baiña, dirua orain? Musua lepo-zapi urdin batez estaliaz zijoan Elsa etxeruntz, urrats txikitan, arras barreiaturik. Rogier-enparantzatik igarotzean, Larousse-eneko termometro eskerga argiduna begiratu zuen: bost gradu goitik. Hotzak zegoen, bai, eta harritzekoa ez zan. Jaietan bide zeuden inguru haiek. Seirak baizik ez izanik ere, arras gaua zan; eta soiñuek eta kolorezko argi fluoreztatuek alkar gainditu nahi bide zuten, pittin bat Dagonillan iri'ko ferietan postuek arratsean alkar zanpatu eta ixillarazi eta illunarazi nahi izaten duten bezela. Hura bizitasuna! Hura joan-etorria! Hura eroaldia! Alkar bultzatuz aurreratu behar zan ezpaloietan. Mendebalde aldera berebillen argi-herrenkada bikoitz luzea, aldika hirukoitz, Koekelberg'eko Eliza Nagusiraiño hiru kilometrotan ikusi zuen marratua, poliki-poliki mogitzen ari: argi gorriak urrundu egiten ziran; eta txuriak urbiltzen, baiñan iritxi aurretik, lurrak irentsirik itxuraz, enparantzaren azpitik izkutatzen. Nahaspilla hura ikusita, ba bide zuten gizonek eta emakumeek noruntz jorik. Millaka argiak han eta hemen ñir-ñir, millaka pertsonak honuntz eta haruntz, korrika larrian; millaka berebillak, ia alkar joaz. Eta Elsa'k zurrunbillo nahasi hartan galdurik harrapatu zuen bere buruan ustekabean, argi berdearen zai geldirik, begira, pentsakor, jendetzaren erdian bakarrik, Brusela'ko erdian Sahara-betean; eta beste igande baten bezperan, ezeren zai ez egonik ere, jendea zoriontsu antzeman uste zuen: «Denek bide dute eginkizun bidezko bat, emakume guziek bide dute senar zintzo bat, nora jo ba bide dakite guziek... nik ezik! Larunbatero tristura bera!». Ipar aldera jo zuen. Arkupeetako erakustegiak ez zituen begiratu ere egin: gauza harrigarria. Zerbaitek hestutzen bide zion bihotza, eta hotzari esker har bide zezakean arnasa. Zer ote zan ziztada zorrotz hura, gero eta maizago senditua? Lau hillabetez! Berrogei milla libera bahitura! Hauek zituen buruan. Eta belarrian, iñoiz baiño nabarmenago, kanpotikako orro trinkoa. XVII Ondoko lau hillabete haiek hutsak izan ziran Elsa'rentzat. Igarotzen motelak eta ezin luzeagoak; igaro ondoan, ezin hutsago eta ezin arinkiago joanak iduriz. Luc ezabatua bide zan: ez zuen batere berririk izan, eta jakiten ez zan saiatu. Bi aldiz baizik ez zan, bestetik, Jemappes'era azaldu, Eguberrietako egonaldia barne. Horra bere hartu-eman guziak. Jarraitzaille itsaskor bat behin Adolphe Max-kalean, baiña taxi baten bidez galdurik utzia. Eta besterik, zer? Deus ez. Etxetik «Hektos»enera, eta «Hektos»enetik etxera. Eta kitto. La Limite-kalea ongisko ezagutzen zuen... Lanean gutunak egin, ehunka; eta nori bere izkribua edo ariketa bidaldu. Behin ere ez zuen Elsa'k somatu postazko horrenbeste ikasle izan zitekeanik. Ikasleek beren ikasketak eta ariketak igorri ala, Elsa'k erantzunak eta arikizun berriak bidaltzea. «Horra hor lan mamitsu bat!», esan ohi zuen astelehen goizetan. Vanden Broeck'en arrastorik ez. Jokabide bidezkoa ez zala siñistuta, mespretxatu egin zuen azkenean hozki, eta ahaztu. Hau uste zuen bederen. Gartzelan luzarorako dauden presoei gertatu ohi zaien bezela, Elsa'ri tema bakar bat nagusitu zitzaion: denbora nola ariñago pasaraziko. Horra bere kezka bakarra; heriotzaren kinka erakarri eta ahalik laisterrenik dastatu nahi balu bezelaxe. Larunbatak eta igandeak bereziki luzeegi zitzaizkion. Asti guzia samintasun-iturburu bat baizik ez! Gero eta goizago oheratzen zan. Askotan, negu miñean batez ere, zortzietarako ohean egon ohi zan. Baiña, noski, ez baitzan ezertxo ere nekatu egunean barrena, logalerik ez zuen; eta, loak hartu beharrez, gero eta barbituriko ugariago irentsi behar izaten zuen. Ohitu ala, bestalde, emendatu egin behar pastilla-araua, eta mota aldatu behar: «Bellergal», «Librium», «Valium», eta abar. Gero eta beharrago, gero eta ahulago eragiña. Elsa'ren gau-mahaiñak farmazia txiki bat zirudien: botillatxo ñimiñoak eta koxkorrak, orixkak eta gorrixkak, botillatzar urdin hura erdian... Pozointzeko arriskurik ez ote? Itxuraz bai. «Mimu» bere adiskide bakarra. Baiña laister konturatu zan «Mimu»ren mundutxo eta irudimentxo hurriez: egunero jostaketa berberak, egunero kiñu berberak, egunero bat denean. «Mimu» maite zuen, bai; baiña hasieran ia haur bat aurkitu uste zuen beregan; eta denbora igaro ala, oker zegoela nabaitu zuen. Maitasunari urrikia nagusiturik, «Mimu»k kupidarazi egiten zuen Elsa'ren bihotza, perlesiak jotako zorigaistoko batek bezelatsu. Elsa'k katua poztutzen zuelakoan maite zuen, eta ez alderantziz. Ematean zetzan Elsa'ren sendimendua, ez jasotzean. Hoztu egin zala iruditu zitzaion; baiñan ez zan hoztu, egia esateko, emalle bihurtu baizik. Maitetasun guzietan bezela ote? Elsa'ren mundua, eritasun luze eta larrietan bezela, hestutu egiten zitzaion egunetik egunera. Gero eta izaki gutxiago maite zuen; eta maite zituen haiekiko berekiko, epeldu egiten zala iruditzen zitzaion, ezari-ezarian erreparatzen baitzuen ez iñundik eta ez ezertarik bete zezekeanik ezer etorriko ez zitzaiola. Gero eta jende gutxiagorekin hitzegiten zuen: «Hektos»eneko irakasleak, ahalik eta hozkienik; eta etxe ondoko dendari batzuk. Eta hauekin ere gutxi, dendaz aldatu beharra nabaitzen zuelako. * * * Hortan zegoelarik iritxi zan Otsailla. Eta, zergatik ez bazekien ere, gogoa ba zuen, gogo bizia, sei hura iritx eta igaro zedin, ikaslea, etsamiñetan bezela, edo DeRijke'ren bezero batzuk hagiña erauzi ondoren jasandako izuak azaldu ohi zituzten bezela beharbada. —Etzi libro izango nauk! —esan zion Mimu'ri esnatzerakoan, bazkal-ondoko losusta luzea egin ondoren. Eta magalean laztantzen zuelarik, kantari hasi zan. Geroxeago zutitu egin zan, eta, katua besotan, dantzan abiatu. Harrigarria. Ia iñoiz gertatzen ez zana, orduantxe gertatu zan: telefonoa deika hasi zan eta. —Nor da? —galdetu zuen Elsa'k, zentzugabeko bere poz hartan ezin sosegaturik. —Bai, bai... bai,... bai... Bapatean gorritu egin zan: —Milla esker jauna. Ahaztuta neukan... Milla esker... Bai, bai: ez da zure errua... Noski!... Agur, De Riemaker jauna. Anitz esker berriz ere... Ez duzu zertan desenkusaturik: ahal zenuen guzia eta gehiago egin duzu neregatik... Agur. Eta bortizki utzi zuen telefonoa bere gakoetan, ia-ia harrika bota balu bezela. —Berriz ere! —oihu egin zuen. —Ba noa! Ba noa ez dakit nora! —esan zuen goitik. Eta troskazko irudi txiki bat paretaren kontra bota zuen, anitz puskatan hautsiz. Mimu'k, dana ulertu balu bezela, eta soiñu harek bildurtuta, begirada tristeaz so egin zion ohearen azpitik, barka zezan eskatu nahi balio bezela. —Gizajo hori! Heu ere Mons'era etorriko haiz nerekin. Eta «Mimu» garraiatzeko bereziki prestatu zuen moltsa armairu gaiñetik harturik, hartan sartu zuen... * * * ...Jemappes'eko Wilson-kalera iritxi zanean, afaltzeko garaia zan. Bi aldiz jo zuen tinbrea segidan, ohi bezela. —Gabon, Elsa —esan zion amak, besoak zabalduz, eta moltsa begiratuz. —Zer da hori? —Esango dizut, ama, Kakoa besterik da. Nere hauzia ez da datorren astelehenean ere garbituko —esan zuen Elsa'k negarrez abiatzen zalarik. —Baiña, nere maite hori: lasai hadi! Hori ez dun hondamendi bat! Bazkaldegitik zetozen gizakume-abotsak eten egin ziran, ama-alabaren arteko alkarrizketa hura barnekoek entzun nahi balute bezela. Ixillunean Elsa'ren negar-zotiñak entzun ziran, eta «Mimu»ren ñau batzuk ere bai, hauek eta haiek ezin izutiago. —Ixo, Elsa, arren! Gaur gomitatuak dizkiñagu; eta ez niñake huntaz konturatzea nahiko. Emaidan moltsako adiskide berri hori. Aitak ez ikustea hobe; ba dakin maite ez dituena. —Nor dugu mahainkide? —galdetu zuen Elsa'k, arras gogaiturik. —Nik ez dut gaur ezertarako gogorik. Hortaz, ohera joango naiz, eta akabo. Agur, beraz. Bihar arte. —Zer dugu, Elsa? —galdetu zuen Scheelen jaunak, bazkaldegiko atera agerturik. Barruko abotsek berriz ekin zioten alkarrizketari. —Tira, tira, Elsa. Zer da? —birresan zuen aitak, Elsa'rengana ondoratuz; eta kopetan muiñegin zion. —Hauzia luzatu egin dala berriz. Datorren Garagarrillaren 5-a arte ez omen dago ezer egiterik: Hauzitegian lanak gainditurik omen daude. Oraintxe telefonatu dit De Riemaker jaunak, eta berri nazkagarri hori gaztigatu dit. Albisteak espero, eta hori... Eta, kasu, De Riemaker'ek ezin zezakean hobeki joka: garantia gisa utzi behar ziran 40.000 liberak (bahitura modura, alegia) berak eman ditu. Hobe ezin zezakean joka gizajoak. —Ziur, Elsa? —Arren, aita! Ziur. Aurpegian somatu zuen nunbait nere diru-egoera, eta ez dit iñoiz ere aipatu buruhauste hori. Horra hor gizon bat. Scheelen jaunak ez zuen ezer erantzun. —Eta, hori da dana? —ekin zuen aitak. —Otoi, Elsa! Hator hunat. Zer axola hiri Hauzitegiko papertegian gertatzen dana? Bejondeiela; eta paper-pilloak irents ditzala danak. Ez liñake Belgika'k ezer ere galduko... Hator, hator: bi lagun dizkiñat gaur afalkide. Nere semeak izan zitezkean, eta nere adiskideak ditun. Eta Elsa aurretik joan araziz, bazkaldegira sartu ziran aita-alaba. —Heldu naiz bereala —esan zuen etxekoandreak, moltsa eskuan eta sukalderuntz zijoalarik. —Laister hasiko gera afaltzen. Sarri artio. Mahaiñaren ondoan exerita zeuden bi gizon gazteak, zutik jarri ziran. —Hunat hemen Elsa, nere alaba bakarra —bere bihotzean Scheelen jauna harro-harro zegoelarik. —Hemen dun, Elsa, Pierre Meunier; etxe huntan, noski, Pierre xoillik; eta hemen dun Jean Ghislain, etxen berebat Jean deritzaguna. Gaur gurekin afaltzera etorri ditun, eta ziur negon ezagutua ez zaiñana damutuko. Gogaide ez izanagatik ere, hemen bi gizon ditun; bi intelektual, baiña batera bi mia-Iangille. Heuk esango dun gaiñera gizon izena merezi dutenetz. Exeri gaitezen. —Gabon, denoi —Elsa'k, mokanesa beti musuan. —Gabon —bi aldiz entzun. Azalpen bat emateko beharra nabaitu zuen Elsa'k: —Barka zazute nere itxura hau. Ez pentsa, batez ere, agiri diran betazpi heze hauek tristurazko negarren seme diranik. Amorruak eragin dizkit malkoak, benetan. Ni baiño azkarragoa izan da bihotzaren ukoa; eta zaiñak burubideari nagusitu zaizkio. Oso ahapeka esan zuen guzia, areago iñoiz baiño, beti Elsa izuti gisa mintzo bazan ere. —Ez dun azalpenik eman beharrik, Elsa. Negarrez ari danak egia din beti. Pierre Meunier'ek ez zuen deusik esan. Elsa'ren begi gorrituak begiratzen zituen, zirkiñik egin gabe; eta gela hartan besterik iñor ote zegoen ahaztu egin zitzaion. Elsa'k, mokanes urdin txiki-txiki batez, behin eta berriz xukatzen zituen betazpiak eta masaillak, eta behin eta berriz zintza egiten. —Zer gertatu zaio ba? —galdetu zuen Pierre'k, jakin-miña ezin luzaroago idukirik, eta begirada Elsa'rengandik zipitzik iñora aldatu gabe. —Nere galdera eragabea izan da beharbada; baiña zerbait jakin nahiko nuke. —Elsa'ren arazoa astelehenean erabaki behar huan Hauzitegian —esan zuen etxekojaunak— eta azkenean luzatu egin duk. Haiek ez ditek behin ere presarik, ba dakik... Pierre'k ez zuen deusik ulertu; baiña berriz galderarik egitera ez zan ausartu. Zein «arazo»? Ixtripuren bat? Zer egin ote zuen emakume zoragarri triste harek? —Goazen piska bat alaitzera —esan zuen Scheelen jaunak. —Gaur hauengatik, eta zuentzako, «Gancia» botilla hau ekarrarazi dut. Azken diru-konddarrak! Zein izan diteke idekitzeko arrazoin pisuagorik, ordea, oraingo gure billera hau baiño? Laister bihurtu zan sukaldetik, botilla eskuan eta idekirik; eta baxo erdi bana eskeiñi zien bazkaldegiko hiruei, bere buruarentzako eta etxekoandrearentzako laugarren eta bosgarren bat hartuaz. —Topa Elsa'ri —esan zuen hunen aitak, alabari begira eta basoa altxatuz. —Topa Elsa'ri, eta hunen nahia opa izan bezela bete dedilla! Klink egin zuten basoek, eta laurek lehendabiziko xurrotada bana edan zuten. —Bibliak dionez —erantsi zuen Scheelen'ek maleziatsuki—Izpiritu Sainduak sortu omen zuen ardoa. Eta hala dirudi, ez da dudarik. Denek irribarre egin zuten. Baiña Pierre batez ere algaraz hasi zan, lehertu beharrez. Elsa'k berak ere, giro hartaz pittin bat kutsaturik, lehenengo aldiz egin zuen irribarre labur bat; eta bere aurpegia argitu eta esnatu egin zala zirudien, goiznabarrean aintzira itzaltsua bezela, nahiz-eta begietako diztira hezeak negar berria salatzen bazuen ere. —Bikaiña da, bai —esan zuen Elsa'k. —Hauxe behar nuen, nik uste. —Zalantzarik ez —erantsi zuen aitak. Eta Jean'i begiratuz: —Zertan giñan, Jean? Nere alabak deitu duenean, zerbait oso interesgarririk ari hintzaidan esaten. Zer zan? Nere alaba etorrita ere gure alkarrizketari ekin dizaiokegu. Elsa erdi filosofoa duk, nere ustez, eta gogoz entzungo zaitue. Horretxek kenduko ziok ondoenik Hauzitegiko istillu hits horien kutsu mingotsa. —Bai, bai —baieztu zuen Elsa'k. —Ez naiz ni filosofoa, eta ez laurdenik ere. Baiña neregatik ez ezer alda, eta ekin zuen hizketari. Ohituta nago bestalde, edo ohituta egon nintzan hobe esateko, bukatu eziñezko eztabaida horiek etxe huntan entzuten. Ez naiz ikaratuko, benetan. Eta beti ikas diteke zertxobait. «Ni ez naiz filosofo; olerkari nintzake, zerbait izatekotan», pentsatu zuen Elsa'k. Aitaren ustez olerkari eta filosofo, gauza bera... ...Solasaldi haietatik zer gorde zuen Elsa'k xuxenki? Erlijiorik eza, dudarik gabe, eta Iegeari buruzko mespretxu sakon bat. Eta ia besterik ez: —«Ze axola neri Belgika'ko gobernuak egiten duena? Zer axola hau edo hura agintari jartzea? Danak dira berdiñak! Agindu egin nahi dute denek, eta iñork ez zerbitzatu», uste zuen. Jaungoikoari buruz, noski, eta esan dugun bezela, ezer ez, ezpada gorroto izkutua. Dieweg-kalean, 1960-eko urtean batez ere, Molière-kalera aldatu aitzin hain zuzen, beste «zerbait»en beharra idarokitzen ziola pentsa zitekean. Baiñan Elsa'k ez zuen hau uste. Olerkiari buruzko bere sendiberatasuna haunditu zan, bai, nabarmenki: Elsa bera harritzen zan bere egoeraz. Baiña olerkimenaren jaiotza zala iruditzen zitzaion, eta besterik ez. Uste hortan, hain zuzen, Olerkia irakurtzen hasi zan itzalgaizka, gidaririk gabe, guztiz bere gisa liburu batzuk aukeratuz. Baudelaire atsegin izan zitzaion gehienik. —Ez ote dago bestelako olerkirik? —pentsatu zuen batzutan. Baiña, nori galdetuko? Ixiltasunak dei berezi eta ixil bat egiten bide zion Elsa'ri udarako arrats luze bakartietan; eta leihoan, baratzan, edo Dieweg-kalean pasean, luzaz egon ohi zan abots harrigarri haren entzule. Baiñan iñork ez zion esan Jaungoikoaren egarri hutsa zala hura; eta Elsa'ri ez zitzaion horrelekorik iñoiz bururatu. Politikaz ez zuen ezer gorde. «Zertarako?», pentsatu ohi zuen. «Aita gizajoa gaztetandik ari izan da saltsa horietan sarturik, eta «erreboluzioa» aipatzen. Eta, zer? Hor dago Dupont, koldar harroputza, sindikatoetan oso goian; hor dago Van Loo, Charleroi'ko Tirou-bulebarrean bizilagun, burgestzar guzien kide bihurtua; hor dago Tessière, zurikatzaille gartsu eta lotsabako; eta... hor dago Joseph Scheelen, neure aita... erreboluzioaren eguna urratzeko zai... Nor oroitzen da gaur Mons'en Scheelen «sozialista garbiak» jasandako kolpeez? Iñor ez. Neu, beharbada, eta neure ama. Gu biok, bai... aita ixillik ikusita, eta afariak ezin hurriago billakaturik, ahaztu ez zaizkigulako. Eta ezin ordainduzko zor haiek... Nolako lotsak pasa ditudan; ...Ez zuen balio, benetan!». Burgesen kontra zegoen Elsa batzutan. Nola ezkondu zan De Potter'ekin? Bi milloi t'erdi jasoak 1956-ean, eta garajea ongi ari. Aixekeria hau nazkagarri zitzaion Elsa'ri hasieratik; baiñan odola zornatzeko moduan ez. Politika, hitz batez, egunen umorearen arabera, edo kaltegarria zan, edo-ta guztiz alperrikakoa. Hau iruditzen zitzaion; baiñan aita maite zuelako, gorde egin zuen bihotzean, eta ez zuen iñoiz aipatu... ...Pierre'k Elsa'ren begietara begiratzen zuen aldiz, eta aldiz ezpaiñetara. Azkeneneko esakuntza entzutean, dana dala, ahoaz besterik ez zuen ikusi. Are gehiago, ez baitzuen ezer ulertu Elsa'k esandakoaz. Entzun egin zuen dana, bai; baiñan aditu ezer ez. Norbaitek, ordea, Elsa'ren ezpaiñen aldakuntzak eta mogimenduak xehetasunez azal zitzan eskatzekotan, aixa egingo zuen: ikutu eta dastatu balitu bezelaxe ezagutzen bide zituen miñutu bakar batean. —Zertarako ekingo? Ez gaituk ados. Hauxe duk dana —esan zuen hozki Jean'ek—. Ez dik balio jarraitzea. Alperrik hasarretuko gaituk. —Hasarretuko? Tira! —Scheelen'ek errepikatu—. Sindikatoetan neri, Mons'eko kalerako, eta miatik urrunerako beraz, postu tentagarri batzuk eskeiñi zizkidatek dagoeneko. Danak ezetsi dizkiat. Belgika'ko sindikalariak funtzionario hutsak zaizkidak, langilleekiko hartuemana galdua ditek; eta «sozialista» izena darabilkitelarik ere, burges hutsak dituk. Horiek ez ditek ez Erreboluzioa nahi, eta ez siñisten. Nik langilleekin segi nahi nian; eta hortan negok. Mia-zuloetara adiñarengatik azken bolada huntan jeisten ez banaiz ere, egunero tratatzen dizkiat ondoko langilleak: eta horri esker zekiat, eta odolean jakin gaiñera, ifernu hori gaur dagoena. —Hire jokabide zuzen hori ez diagu guk behin ere maixeatu-esan zuen Jean'ek maitekiro. —Hortan hire alde gaituk. Baiña hik heuk aitortzen duk hire alderdiko zuzendariak, eta sindikalariak berak, usteldurik daudena. Hor ez dagoela ez itxaropenik, ez nahirik eta ez garrik batere. Hire eginbidea, nere ustez, gure ustez, hi hortik ateratzea duk; eta sozialismoa oraindik ere gaur, 1967-an, egiazki nahi duen mogimendu batean sartzea. Zein erakundetan? Pierre eta ni biok, dakian bezela, ez gatoztik bat huntan. Alegia: ados gaituk, hau bai, P.S.B. dalakoa utzi behar duala iruditzen zaigulako bioi. Spaak joanda ere, Spaak bizi duk hor, eta nagusi itaun; eta Spaak'ek 1936 ezkeroztik jokatu dik eten gabe sozialismoaren kontra. Hik hau ba dakik guk bezin ongi. Elsa mahaiñetik jaiki zan ezer esan gabe, eta sukaldera joan. Pierre'k azkeneko liparrera arte jarraitu zuen begiradaz, hizketaren haria arras galduaz. Egia esateko lehendik ere galdua zuen, hiztunari begiratu beharrean Elsa'ri so egiten ziolako. Hau bazkaldegitik irtendakoan, eta bapatean, Pierre'k etxe arrotz batean harrapatu zuen bere burua. Zer zan aldaketa hura? Etxea zelatari eta bitxi zitzaion une berean, baiña Elsa ez-ezagun hura aspaldidanik ezagutu uste zuen. Ez zitzaion halakorik behin ere gertatu. Handik laister ama eta alaba sartu ziran, zuku-ontzi zuri bat eta beirakizko pitxar bat eskuetan, eta afaria hasi zan. —Kontuz! Zopak kiskaldu egiten du, egin berria da-ta, esan zuen etxekoandreak. —Kontuz beraz —erantsi zuen etxekojaunak—. Hau ez da ostatu bat, bestalde: nor bere etxean bezela joka bedi. Ez dut hau birretan esango: apainkeriek eta itxurakeriek betidanik nazkatu naute. Hi, Pierre, ideki zak «Stella» hori, eta emaiguk garagardoa. Egarriak gatxeudek! Pierre'k pozik onartu zuen bere eginkizun apal hura, Elsa' ri edaria eskeintzeko aukera ematen zion eta: —Baia? Nahi duzuia? —galdetu zion irribarrez. —Bai, bai; anitz esker. —Gure politika-eztabaida hauek dirala bide, aspertu egingo zaitugu. Eta ia ahapeka erantsi: —Barka nazazu. Oraindik ez dut ezer ulertu. Zertara joan zera Hauzitegira? Galdetuta bereala, eragabekeria bat egin ote zuen kezkak bete, eta aurpegian odol ukaldi bat nabaitu zuen. —Hor ez dago izkutukirik. Ez naute harrapatu ez lapurretan ezta ez hilkintzan! Ez naiz gaur Hauzitegira joan, gaiñera. Baiñan etzidamu erabaki behar zan nere ezkontz-austearen arazoa, eta luzatu egin da lau hillabetez. Hauxe da dana. —A, bai —esan zuen Pierre'k, eta segidan pentsakor gelditu zan. Iñor emakume maitagarri harengandik berez zitekean pentsatzeak txundituta utzi zuen. Eziña zitzaion guziz. Eta katramilla bakarra hau zan Pierre'ren kaskoan: zergatik berezi nahi ote zuen Elsa'k bere senarrarengendik? —Ez duk hik ere uste? —galdetu zion Jean'ek, Pierre'ren ustekabean. —Ez diat entzun, Jean. Elsa'rekin ari ninduan. Zer zan hire galdera? —Hemen garagardoak bereala piztu dizkik bihotzak eta mingaiñak askatu!... Hauxe esan diat arestian, Pierre: ez ote duan hik uste, hemendik aurrera (eta orain dala zenbait urte!) Jojo'k P.S.B.an jarraituta kalte haundiagoa ekarriko digula sozialistoi, eta berak lagundu nahi duen helburuari beraz, P.S.B. hortatik irtenda baiño. —Alde batetik hala zirudik, bai. Baiña nere iritziak apur bat aldatu dituk azken bolada huntan. Eta zuen artera biltzen bada, gaur uste diat, ezer aurreratuko ote dugun eta duen ez zekiat; zuen F.S.T. berri hori ez baita fitsik. —Zer? Hori bai dala, hain zuzen —errepikatu zion Jean'ek gogor xamarrean— sozialista geranok sekulan onartu behar ez dugun jokabidea. Burgesia hor diagu, gaiñean, jaun eta jabe; hain jaun eta jabe nun askatasunaz hitzegin baitezake! Guk ez diagu horrenbesteraiño hitzematen: guk behekoen zigorra eta mendekua aipatzea, baita jopuak jaregitekotan erabiltzen danean ere. —Nik etsi egin diat —erantzun zuen Pierre'k, itxuraz gogaituta—. Nik neuk ere, zuek bezela, siñistu egin nian; eta letra haunditako Sozialismo lilluragarri hori ekartzeko hazia emateko gertu ninduan. Gaur ez negok ezertarako prest. Burgesia arbuiatzen diat osotara, lehen haiña; baiña komunismoa ere arbuiatzen diat erabat. Eta hi, Jean, eta zuek guziok, zuek marxista «ezkertarrok», eta haiek marxista «ofizialak», kupidagarri zatzazkidate. Ongi hitzegin zuela pentsatu zuen. Eta bukatzean berari begira harrapatu zuen Elsa, pentsakor, arreta barreiaturik itxura zanez, eta asalduz bete zan Pierre. Elsa'rengandik urrutiegi zegoela iruditu zitzaion, mahaiñaren zabalera bapatean haundiegia bailitzan. Ez zuen Elsa'ren aurpegian xuxen irakurtzen; zeren-eta, ideiei zegokienez bertan xamar egonik ere, Elsa'k ezin onar zezakean aitari zauri hura egitea. Aita ongi ezagutzen zuen, eta hura entzunaraztea bizia alperrik sakrifikatua zala entzunaraztea zan; eta pairamendu hau ematea ez zitzaion zillegi iruditzen, eta beti ixildu izan zan etxen. Kanpotar batek esatea, horrengatik, gaitzi zitzaion oso, eta Pierre gorrotoz begiratu zuen hasieratik. —Hori guzia egia duk hain zuzen! —esan zuen Elsa'ren aitak—. Eta ni siñistuta negok Errusia'n, Txina'n, Kuba'n, Gizon Berri eta Mundu Berri horiek sortzen hasiak dirala. Nere alderdiko gehienen kontra, hori siñisten diat nik. Hargatik komunista ote naiz? Berdin zaidak izena. Ni hortan negok. Elsa'k urrikiz begiratzen zuen aita, lagundu nahiz, oiñazetan pairatzen duen eria bezelatsu. —Ez zekiat nik, Pierre —ekin zuen Jean'ek—. Burges ideologiak irentsi gaitula, fenomenu nabarmena iruditzen zaidak; Belgika osoa irentsia dik. Gizona bere gizarteak, bere ikaskintzak, bere klaseak, bere geografiak, kutsatzen eta mugatzen duten ezkero, nork esango digu orain Gizon Berri bat agertzea eziña danik? Hamabostgarren mendean burges gizadia pentsatu ere eziña huan. Gaur nagusi zegok. Gizarte-eraketa berri batek Gizon Berri bat ekarriko dik. —Gizajook! Teologilariak dirudizute —esan zuen Pierre'k— eta zer esaten dudan ba zekiat. Alkar erretzeko gertu, eta danok oker! Herejerik ez zegok, adiskideok, teologia guziak faltsu baitira. Vaticanismoa teologia txuria baldin bada, marxismoa teologia gorria duk, eta faltsua beraz. Marx, Engels, Lenin, Stalin, Trotsky, Mao Tse Tung: danak, ameslari, seirak nor baiño nor utopikoago! Elsa'k onartu egiten zuen hau; baiña ixillarazteko gogoa zetorkion barne-barnetik: «Hori ez da etxe huntan esan behar!». —Baiña, burutik egiña hago gaur? Ze ameslari eta ze ameslari ondo? —erantzun zuen Jean'ek bere amorrazioa ezin izkutaturik—. Castro'k egia esan dik berriki: Kuba'ko erreboluzioaren alde dagoenak eskubide guziak; erreboluzioaren kontra jokatzen danak, bat ere ez. —Nerekin dagoenak eskubide guziak; nere kontra dagoenak, baño ere ez! Bapo! —Pierre'k eztenka nahiean. —Gizona goseak hiltzen dan herrietan ez zegok erreboluzioaren kontra jartzerik! Liberalismoa ez duk berez gauza on bat. Liberalismoa, hain zuzen, gauza txarra duk. Ahulak ez beste dira liberalak. —Egiaren bildur diranak ez beste anti-liberalak! —Beharraren eta egoeraren arabera epaitu behar diagu. Ameriketan ezin diteke ez Castro'ren kontra eta ez Che Guevara'ren kontra joka. Castro ez da Blanquizale bat, eta Che ere ez. Hori esaten duenak kapitalismoa gerizatzen dik. Lenin ere Blanqui huan 1917-an. Beharrik! —1905-eko Lenin «ero» bat huan, eta 1917'an «ertebokv ziolari» xuxen bat... —erantzun zuen Pierre'k—. Baiña hori beranduegi jakin diagu! —Kapitalistez bestaldera, burgesiaren kontra jarri, amerikarren aurka jokatu. Horra bidea —Jean'ek oihuka. —Horien kontra neu ere ba negok. Baiña zeren alde? —Herriaren alde! ! —Jean'ek hasarrean. —Nor da herria? Mao? Stalin? Khrutxef? Beria? —Herria eta hunen buruzagiak! —Zein buruzagi? Nola ezagutuko ditugu? —Hik ez, beharbada. Herriak bai: ongi ezagutzen dizkik. —Aingeruren batek esaten die ote? —Seriotan ari gaituk. —Aingeru batek ala Partiduko poliziak? U. R. S. S.eko herriak jakin zuen hori, ala N. K. V. D.k odoletan jakiñarazi? —Gauzak alperrik zailtzen dituzute nere ustez —ebaki zuen Scheelen'ek, amartean ixillik entzule egon ondoren. —Sozialismoa helburu ederra huan; eta zuek intelektualok hondatuko duzute. Zuez ez dakizute zer dan Marcinelle'n sortu eta Marcinelle'ko mia baten hiltzea. Etxekoandreak belarrira esan zion zerbait alabari, eta joan egin zan. —Igaz zer? Siniavsky'ren ipuiñez dana ankaz gora botako ote zuten dardaraz! Ez zian balio, ez dik balio! Zerbait, eta oso sakonik, gezur hutsa duk zuen filosofian-esan zuen Pierre'k ixillunea bukatu nahiz, baiñan Elsa'ri adi. —Eta zertara hator, hortaz mia-leizeetara? —esan zuen Jean'ek hasarre bizian. —Zertara? Joan hadi burgesetara, eta utz gaitzak pakean! —Egiaren billa etorri nauk. Bi urte huntan billatu diat, Lieja'n eta Mons'en, nekearen izerdi patsetan, erhiak maskurturik, eskuak lehendabiziko aldiz latz eta lodi, soin guzia arratsero konkordurek gogorturik eta minberaturik, ikatzetan eta lurpean zikindurik eta bezturik, ohean hotzak ezin loak harturik. Eta aurkitu egin diat, bai, azkenean. Eta egia hauxe duk:... Eta erpurua mahaiñaren gaiñean tente ezarririk, bigarren behatzaz inguru guzia egin zuen eskua jiratuz; eta, higuiñez beterik, hitz bakar bat entzunarazi zuen: «Hutsa!». —Baiña, zer duk gaur? —esan zuen Jean Ghislain'ek, bere adiskideak guztiz harriturik. —Hori ahal da Scheelen guk gazteok, edo gazteagook bederen, bizkortzeko modua? —Hara —esan zuen etxekoandreak. —Sukaldetik beretik entzuten dira zuen karrasiak. Aski da gaurkoz. Berandu da. Beste batean jarraituko duzute. Neri ez zait atsegin zuen eztabaidak mikaztutzen hastea; eta beste gai batzuk aipatzea eskertuko nizueke. Zer egin behar duzute bihar? Eta, Inauterietarako, zer? Binche'ra, ohi bezela? Iñork ez zuen ezer kontra esan; funtsean ados ziran: eztabaida beroegi jartzen ari zan. Elsa'k, gau hartan lehenengo aldiz, barne-zauskada bat nabaitu zuen «Iñauteri» hitza entzutean. Ez zekien bezpera zanik: «Zahartzen hasia naiz, ez dago dudarik: bihar Iñauteri, eta nik jakin ez». Aho-sapaiean konfetiak itsatsirik nabaitu bide zituen berriz, tupustean; eta oroimenean bizkar billoiz gazte hura birrikusi zuen, bere ezkon-ganberan dantzari... «Bart ikusi nuela iruditzen zait, oroitzapen bortitzentzako denbora ez baita igarotzen...» Jean'ek behin eta berriz begiratu zion Pierre'ri, begiez galdera hau egiteko asmotan: «zer gertatu zaik?». Ez zuen ezer ulertzen. Eta begiradaz galdetu nahi irmo hartan, beste gauza bat erreparatu zuen: Jean'ek Pierre'ren begirada billatzen zuen bezelaxe, Pierre'k josirik zituela begiak Elsa'ren begitartean, hunek begirada noiz ordainduko zai. Ordurarte ez zuen Pierre sekulan era hartan ezagutu. Ba zekien, bai, komunistekin ari izana zala azken hillabeteetan; eta, alde hortatik, igarri uste zuen Pierre'ren kristau fedea, eta «ustekeria» eta «alienazio» batzuk koloka zeudela noski. Baiñan ohituraz, barne-mogiduraz, bildurraz, edo nola edo hala, beti uzkur eta bakarkoi antzeman zuen bere mia-laguna emakumeekiko hartu-emanetan; apaiztegiko aholkuek eta debekuek tinko iraun bazuten bezela puntu hortaz. Hain zuzen, alderdi hortatixek izan zituen Jean Ghislain'ek lehenengo susmoak, gero baieztuak. Alegia, Pierre Meunier apaiza zala. Gau hartan, aldiz, Elsa'ren aitaren aurrean (eta amaren aurrean!) lotsagabeki begiratu zuen emakume hura; arreta behin eta berriz barreiatu zitzaion; eta bere gogaikeria guztizkoa zan benetan, politikaz eta danaz, hitzak asma baditezke ere, doiñua ez baita asmatzen. Zergatik? Etxerakoan, eta eskallerako atarian, Pierre'k nabarmenki hestutu zuen berean Elsa'ren eskua; eta agur etsi hartan luzatu egin zan edonor konturatzeko eran. Elsa bera ere bai, jakiña. Wilson-kale lohitsura irtetzean, beraz, zakarki galdetu zion Jean'ek: —Alperrik duk diximulutan saiatzea, Pierre. Zer gertatzen zaik? Ez diat hire jokabidean ezertxo ere ulertu. Emakume hori nabarmenki begiratu duk afari guzian, eta bere ama ohartu egin duk. Scheelen gizajoa, bestalde, hoztu egin duk osotara hire ezkorkeriaz. Nere ustez, gaiñera, gaur gauean Elsa horren aurrean hire burua apaintzeko esanak izan dituk. Gaur gauean higan dagoen arra mintzatu bide duk hire ahotik, ez Pierre Meunier. Bestela ez diat tutik konprenitzen. —Ez, ez, Jean. Emakume horren negarrak dardarazi egin nau muiñetaraiño, egia duk. Baiñan oker hago. Hori ez duk nere jokabidearen iturburua, nere barne-egoeraren ondorio baizik. Alderantziz dituk biak beraz. Gure eztabaidan egia hutsa bota diat gaur. —Egia hutsa? Eta zertan gelditu da hire marxismoa, hire neo-marxismoa bederen? Hunek erakarriago hinduen mia-zuloetara (heuk aitortua hau) Ebanjelioak baiño. Ezta? Eta... eta, hire apezgoa bera, zertan da saltsa hortan? Scheelen'ek ez zekik hunen berririk; baiña nik bai. Zer duk? —Begira, Jean. Orain berandu duk. Bihar hitzegingo diagu danaz, nahi baduk. —Nun hori? —Betiko lekuan: «Café de la Poste»n, bazkal ondoan? —Ondo zegok. Ez adiorik, Pierre; eta gabon pasa. Noiz ikusiko ote zuen berriz Elsa? Pierre Meunier ganbarako bere lo-gela hotz eta txiroan sartu zanean, hotzikarak nabaitu zituen. Hura hotza! Bere ahotikako lurriñak hodei koskor bat sortzen bide zuen, zigarro haundi bat erretzen ari izan balitz baiño zabalagoa. Leihotik begiratu zuen: patio itsusi beltz hartan ezer ez, ezta argiño bat ere. Leihoaren ondoko teilla zahar eta lizunduak, heze eta illun. Elsa'ren begi nabarren irudiak bizirik zirauen Pierre'ren irudimenean. Eta irudi hura egiñahaletan barnetik ikusi nahiz, loak hartu zuen. XVIII Jende apala gaillen Mons'eko «Café de la Poste»n. Buru askotan kasketa bat, eta anitzen ahoan pipa. Giroa ketsu, hatsartu eziña ia-ia. Pierre Meunier'ek ez zuen oraindik guztiz ondo ulertzen walon hizkera hura; eta hortan flamendarrago antzematen zuen bere burua: Flandre'ko herriskarik galduenean ez zitzaion hau gertatzen. —Egun on, Pierre —Jean Ghislain'ek agurtu. —Kaixo! —Pierre'k erantzun. —Eguraldi hitsa, alajaiñetan! Nolako arratsaldea! Eta... —Bardako zoroaldia igaro ote? —Ez zegoan zoroaldirik, Jean, esan nian. Hori baiño askozaz ere larriago duk nere barne-etsipena. —Elsa ote deritza? Bihotz ukaldi batek astindu zuen Pierre. —Ezetz. Ez duk hori. —erantzun zuen Pierre Meunier'ek bere sendimenduak izkutatu nahiz; baiña nere sendiberatasunaz harriturik. Hura izua! Eta goiz guzian ez zan Elsa hartaz oroitu: hauxe zan egia. Ba zegoen halere zerbait. Eta Pierre'k ez zekien, ez zuen uste, hobe. —Zer gertatzen zaik, hortaz, Pierre? Bart egin huana ulertu eziñezkoa duk, eta barkatu eziñezkoa ere bai. Joseph Scheelen gizajoa, bere adiñera arren, gu biok baiño beroago eta siñistunago duk. Ni bederen lotsatuta nengoan. —Zertan lotsaturik ez diat ikusten —esan zuen Pierre Meunier'ek, garagardo pare bat eskatzen zuelarik. —Ez diat siñisten: ez hortan eta ez ezertan. Gauzak horrela, siñistu-itxura nik egitea izango hukean lotsatzeko modukoa. Okerrago zaizkidak federik gabe mezatara joan ohi diranak, federik gabe joan ohi ez diranak baiño. Egia aitortzea garratza izan diteke, edo pozgarria, zirraragarria, istillu askoren iturri; baiñan egia aitortzea ez duk iñoiz lotsagarria. —Bego! Baiña uztak sasi-filosofia alde batera, eta goazen harira. Lotsagarria duk hire egoeran egotea; eta are lotsagarriago aitortzea, eta hire jokabide lotsagaldua aipatzea. Andre Gide'ren akatsa lotsagarria huan; baiña bertutetzat harek aurkeztu nahiak bere garaieko askoren etsaitasuna ekarri zioan. —Bego, esango diat nik ere... Ia hiru urte dituk apeztu nintzan ezkeroztik. Apaizgaitegian egon nintzan artean, nere kezkek eta nere zalantzek apezgaitegiko giro bitxian zutela oiñarri uste nian. Gogotsu begiratzen nian ikastaro hartako azken-aldera. «Txikikeria-zulo huntatik irtetzean —nerekiko nioan— besterik izango da gauza. Munduan sartuko naiz; teoriak eta lizifriñak alde batera utziko ditut, eta egiazki gizona zerbitzatzeko une zoriontsua iritxiko zait». 1964-eko udara, hortaz, Helderghem'era joaterakoan, nere bihotza pozez beterik zegoen. —Bai. Behin esan hidakan. Ninove'ren inguruan, ez dea? —Bai. Herrixka txiki-txiki bat duk, arras flamendarra. Uste nian nik, harakoan, Kristo'ren eginkizuna azkenean hasteko eta iduritzeko aukera ematen zitzaidala. Baiña Helderghem'eko pake harek, XX-gn. mendeko sosegu oso harek, nere bihotza asaldatu ziaten. Gerra nahi nian nik, ez pakea. Eliztarrak jende prestua hituan, ez baitzuten gaistoak izateko erarik izan. Jende harek, halere, mundu huntan siñisten zian errotik, eta ez beste ezertan, nekazarien artean usu gertatu ohi dan bezela. Elizarekiko ohiturak zintzoki betetzen zizkiaten; batez ere nola edo hala aisa neur ditezkeanak: halako egunean haragirik jan ez, eta abar. Hauxe duk, hain zuzen, Ebanjelioan kupidarik gabe kitzikatzen dan farisaukeria, modu hauetan letra nagusitu baitzaio izpirituari .Laister asetu ninduan hartaz, hitz batez; eta gudu-bizia nahi nuela esan nioan Apezpikuari: mia batera langille gisa joan nahi nuela, esate baterako. Hori dala-ta, eta ni osoki bimintzoduna izaki, Walonia'ra bidali ninduten, Lieja aldera. Han ezagutu genian alkar, dakian bezela, orain dala urte bete t'erdi inguruan. Ni baiño lehenagotik joana hintzan hi, langilleen bizimodua langilletasuna norturik hik heuk dastatzera. —Bai, gogoratzen nauk bai. Jean Ghislain'ek arreta haundiaz entzuten zuen dana, eta Pierre Meunier'ek gero eta gogo biziagoa zuen azken tantoraiño guzia lehenengo aldiz iñori aitortzeko. —Han, eta gero Mons'eko inguruetan, mia-gizonek, eta nere ustez zanpatuta bizi diran guziek, egia dutela ikusi diat. Huntaz zalantzarik ez zegok: partida galdu duten guziek egia ziaten; partida irabazi duten guziak, aldiz, oker zeuden, eta oker zeudelako hain zuzen irabazi ditek. Garaitu behar zutenak, menperaturik eta mespretxaturik hiltzen dituk Kondairan; eta garaitu behar ez zutenek, garaitzen. Kondairaren hildoa Gaitzaren hildoa duk, ez Egiarena. Kondaira Gaitzak idazten dik, eta tintatzat errugabeen odola eta malkoak erabiltzen. «Praxis»a aipatzen duzute marxistok; baiña zuek diozutenaz bestaldekoa froga diteke. Ehunetatik ehunetan oker zerate hortan. —Ez neri horrela begira, Pierre. Gero entzungo duk. Jarrai orain. —Ni ahulen alde ninduan, eta ahulen alde natxegok. Jesukristo'k parre egiten dutenak eta aberatsak madarikatu zizkian, eta ahul guzien alde altxa huan. Gauza bera nik; eta horretxek egin ninduan kristau. Eta sentidu huntan kristau natxegok, eta kristau hilko nauk, Elizatik kanpo hil banadi ere. Nik neuk ere parre egin dezateken guziak eta txirotasuna ezagutu ez duten guziak, bihotzaren erditik madarikatzen dizkiat. —Burgesiak entzungo bahindu, txalo joko liakek! —ebaki zuen Jean Ghislain'ek. —Hori, horixe behar ditek: umiltasuna, garaitu-nahi-ez otzan hori, beste masailla jartzeko gogoa, eta zozokeria horiek. Hi beti ikusiko haute ongi: Belgika'n lasai biziko haiz, dudarik ez zegok. Segi, segi! Eta irribarre egin zuen eztenka nahiean. —Negarrez ikusten zaituedalako zatzazkidate maitagarri zuek, trotskistok. Sendimendurik eza aipatzen duzute, eta Kondairaren joeran sartu nahi omen duzute; baiña bihozpera hutsak zerate hain zuzen, eta urrikitasunak eraman zaitue marxismora. —Burgesiaren kontradizioen azterketak eraman gaitik gure huntara. Bihozkadek ez ditek muntarik batere Kondairan, eta guk hala ulertu diagu. —Berriz esango diat, Jean: negarrez ikusten zaituedan neurrian maite zaituztet xoilki. 1917 baiño lehenago ni leninista nindukean apika; gaur ez. Stalin'en ondoan iñola ere ez. Eta orain, 1967-an, stalinismoaren beraren ondoren, are gutxiago, marxista-leninisten pentsakera, garaitzaille eta parregille guzien pentsakera ustel eta harroputz bihurtu baita U. R. S. S.'en eta U. R. S. S.-etik at. —Hortantxe negok ni ere: Stalin'ek saldu zizkian Erreboluzioa, Marx, Engels eta Lenin bera. Eta gaur munduak ez dik Erreboluzioan siñisten. —Garaitu duten guziek hondatu ditek Erreboluzioa. Garaitu artean egia ditek erreboluziolariek, eta garaitu ondoren iñoiz ez. Budismoaren mezua Asoka'k ihartu zian, eta usteldu; Mahomet'ena Ali'k, Rousseau'rena, Robespierre'k, eta Marx'ena Stalinek. Hori duk legea. —Apaiza haiz, eta apaiza izango haiz hil arte. Betirako alienatu haute Apezgaitegian! Nola jar ditezke mailla berean, eta alkarren segidan aipatu, Gandhi eta Guevara? Lehenengoa atzerazale amorratua huan, eta India geldiaraziz salbatu nahi zian: goiburutzat tximenea hartu beharrean, killua hartu zian! Guevara'k, aldiz, Kondairaren kakoa argi konprenituz, Erreboluzioa egin dik, eta Hego-Ameriketara aldatu duk orain, nora ez dakigula, lur berritan Erreboluzioa ereiteko asmo zindoan. —Che Guevara eta Gandhi anaia bizkiak dituk, Jean; eta biak saindu hutsak eta gorenak. Camilo Torres, nere kidea, hildo hortatik beretik abiatu huan, «besterik eziñean» bere hitzez esateko; eta Torres'en saindutasuna ukatzerik ez dagoela uste diat. —Ez haut ulertzen —esan zuen Jean Ghislain'ek, bere lasaitasuna galduz eta kiñu atsekabe bat egiñez. —Che Guevara eta Camilo Torres saindutzat dauzkak; eta zer esan huan bart, beraz, dana berdin dala? —Dena ez duk berdin. Baiña Kondairan ez ditek sainduek irabazten; eta zuek sainduek garaitzeko esperantza duzute. Puntu huntan zaudete oker. Zuek oraindik saindutasuna eta zuzentasuna garaitzaille ikusteko itxaropena duzute, eta nik ez. Lehenago ere esan diat: garaitzapenak eta zuzentasunak alkar ukatzen ditek. —Gora urde zerriak! —oihuka Jean'ek. —Behera ipuiñak! —Pierre'k errepikatu, odola zirakiolarik. —Zein ipuin? —Mundu Berri eta Gizon Berri horrenak! Haurrak berak baiño siñesperago zerate. Orain arteko Kondaira ez ote zaizue aski, hutsegingo duzutela jakiteko? Stalin'en saldukeria xuxen ikusten duzutelarik, nola ez duzute urrengo pausua egiten? Eta nik bezela aitortzen: «Eziña da: Erreboluzio guztizko hori amets bat da, mito nabarmen bat». —Burgesiak guk hori esan dezagun nahi duelako; eta zapalduta daudenek gure laguntza behar dutelako. Horra zergatik!! ! —Zer eskeintzen diezute zuek? —Zer eskeintzen? Erreboluzioa! —Eta hori zer da? —Mundu zahar nazkagarri huni amaia ematea. —Zertaratzeko? —Gizona lehenengo aldiz gizontasunean jartzeko, eta bere buruaren jabe egiteko. —Nun lortu ote da hori iñoiz? —Iñun ez. —Hortaz! ! —Hortaz orain gertatuko da lehenengo aldiz. Geuk gertaraziko diagu, hain zuzen. —Trotskistok? —1967-ko erreboluziolariek. Nola egin ba zekiagu; eta nahi diagu. —Eta horri «objetibidade» deitzen diozute? Zuek «nahi duzute», eta orain arte «iñoiz» gertatu ez dana, oraintxe gertatuko da. Nahi duzute... nahi... heuk esan duk «nahi» hitza. Baiña zertan gera? Zuek «nahi» duzute, ala herriak «behar» du? Zuek «nahi» duzute, ala herria «entzuten»duzute? Hori mistika, alajainkoa: zuek «nahi» duzutena, nola ez dakigula, Kondairak «obratu» behar du, eta herriak «behar» du. Hala biz! —Herriak behar dik, bai, eta guk nahi diagu; eta Kondaira hortara ari duk. Mundua sozialismora ziak, eta sozialismo bakar bat zegok, ez bi edo hiru: hori duk Marx'ek frogatu duena... Frogatu, bai, Freud'ek eta Planck'ek frogatu duten bezela. —Sozialismo gauza bat duk, eta marxisten ipuiñak beste bat. Zerurik ez zegok, Jean, izartegi gisa baizik, urrun, illun, betirako lortu eziña. Askoz ere beltzago nauk ni azkenean munduari buruz, zuek marxistok baiño. Zerok duzute zerua siñisten, ez guk; ez nik batez ere. —Demagun. Hori berdin zaidak. Nun hago hi gaur, beraz? Zer gertatu zitzaikan bart, funtsera ezkero? —erantzun zuen Jean Ghislain'ek bezperako esanak berriz ere garbitu nahirik. —Esan egin nian. Ez diat siñisten: hiru hitz. Ez diat, beraz, zuen Erreboluzio nagusi hortan batere siñisten. Zer besterik nahi duk nik erastea? Ez duka aski? —Gora oraingo soziedadea, beraz. —Ez. Nik ez diat hori esan. —Hire egiñek bai. Jean'ek eskuaz agurtu zuen kafetik irtetzera zijoan gizon zahar bat. Pierre'k ez zuen ezagutzen. —Helburua, Jean, marxismoa duk zuen ustez. Gaur zuen propagandaren menpean bizi gaituk, zuen propagandaren eragiñean bederen. Baiña Bakunin'ek, orain dala ehun urte Marx' ekin hasarretu ondoren, marxismoak ekarriko zituen izurrite guziak salatu zizkian. Bakunin, alde huntatik, Marx baiño igarle hobea izan duk; zeren-eta Bakunin'ek gehienetan xuxen asmatu bazuen, Marx gehienetan nahastu huan. Bakunin, halere, ez duk aipatu ere egiten, noski. Marx, Marx, eta Marx. Eta kitto. Marxismoa zientzia dan aldetik, halere, aspaldidanik ahaztua izan behar huan: erreboluzioa gertatu behar ez zan herrietan, gertatu egin duk hain zuzen; eta, alderantziz, gertatu behar zan herrietan, ez duk gertatu. Zuek baiño tematuagorik eta mugatuagorik nekez aurki diteke Kondairan! —Eta zuek Kristo duzute beti aurrean eta ahoan; Eta atzean burges atzerakoi bat! —Ez duk egia, eta egia ez dana ba dakik hik. Guk zuen temaren eta mugakeriaren laurdena baizik ez bagenu, fanatikotzak harreraziko ginduzkezute. Jean Ghislain'ek farre egin zuen algaraz. Zurrutada batez hustu zuen azkeneko «Ekla» basoa, eta beste bat eskatu zuen. Ixildu egin zan pittin batez, eta Pierre'k mintzagaia aldatzeko gogoa nabaitu zuen; baiña nola lortu ez zuen ikusten. —Jean: hirekin ados ez izanik ere, maite haut. Hunat hemen egia —esan zuen Pierre'k oso hunkiturik—. Zerbaitetan siñisten duk, siñismenak eusten hau: nabarmen zaidak hau arratsalde huntan. Ni, ordea, hutsean natxegok, egarri nauk, etsita. Jean Ghislain harriturik gelditu zan aitorpen illun hura entzunda. Eta pittin batez zalantza egin ondoren, hau erantzun zion izuti: —Baiña... zergatik ez hator, hortaz, ez Dupont eta ez nerekin? Gugandik hire Ebanjelioak berezten hinduela uste nian... Ez nauk esatera ausartzen; baiña... hori ere ez zegok, ez dea? —Ezta hori ere. Iñork ez dakien erabaki bat esango diat: apezgoa uztea erabaki diat. Jesukristo'rengan siñisten diat hein batean; baiñan Elizak utzerazi zidak. Jesukristo eta Eliza ezkondu eziñak dituk. Jesukristo maite diat, eta Eliza gorroto. Ezin komeria hau aurrerago eraman. —Iñork ba ahal daki hori? —Heuk ez beste iñork. Erabakia hartua zeukeat, baiña hillabetez-edo ixillik egongo nauk enkas. Erabaki larriak hotzean hartu beharra zegok. —Zorionak, Pierre! Gizon bat haiz! Gizona apaizari nagusitu zaiok higan. Ez duk hau egunero gertatzen... —Ez zorionik opa neri. Ez zekiat xuxen jokatu ote dudan. —Eta, zer egin behar duk? —Hasteko danak utzi. Eta zerok eta Mons'eko mia ere bai. Ez diat nik zuen fedea, eta ez kristau fedea ere. Zerk geldiaraz nintzake ifernu hortan? Ez diat, bestalde, zuen sua itzaldu nahi. Ekin, Jean, aurrera! Segi! Bekaitz natzaitzue, benetan! Nere huntan bide bakar bat ikusten diat: zuengandik aldegitea. Aspaldiko adiskide batzukin mintzatua nauk iadanik, eta lanen bat izango bide diat Brusela'n. Aitormen luze hau mingarri zitzaion Pierre Meunier'i, urte askotan barrena okerretik abiatua zala aitortzea baitzan. Baiña beharrezkoa ere bai. Eta, piskanaka, garagardo-zurrutada laburren artetik, bere izpiritu-billakaera guzia azaldu zion. —Lieja'n lanean hastean, orain dala bi urte beraz, Marx'en ideiek kulunka utzi zidaaten apaizgaitegiko fede orbangabea: hau duk egia. Dupont'ekiko nere hartu-emanak hestu-hestuak izan dituk batzutan. Mons'en bitan «marxista-leninistekin» lotzeko zori-zorian egon nauk. Kristau fedearen illunpeen ordez, Marx'en ideietan argi betea aurkitu uste nian; eta, batez ere, marxismoa kristautasun modernoa iruditzen zitzaidaan. Marx'ek gizona maite zian; eta pairamenetatik eta zapalketatik jaregiteko, arrazoiñaren eta zientziaren araberako kristautasun berri bat asmatu bide zian. Hau siñistu nuenean, trukatu egin nizkian fedeak: Jesukristo'ren ordez, ni arras konturatu gabe noski, Marx ipiñi nian buru eta gidari; pittin bat atso elizkoiek Jaungoikoaren ordez Ama Birjiña jarri ohi duten bezela: ez kontra, tarteko gisa baizik. Kristau aurrera- zaletasunetik marxismo betera igaro ninduan hortara ezari-ezarian; eta Fedea arras galdu nian. Kristau Ebanjelioa eta marxismoa alkarrekin ezkon omen ditezke. Gaur garbi ikus dezaket arazoa; eta hori marxistek esatea, beren lanetarako egoki izan dakieke beharbada, eta era berean zenbait kristauri; baiña hori kristauek siñistea txorakeria hutsa iruditzen zaidak. Marx eta Kristo trukagarri gerta ditezke, baiñan ez alkarren laguntzaille. Ez zegok huntaz zalantzarik. Bi mundu dituk. —Hortan kristau burgesa haiz! Kristau burges hago, hobe! —Ni ez nauk, otoi Jean, ez burges eta ez kristau. Kristauek Kristo'ren jarraitzailleak dituk, eta munduari uko egiten zioatek; eta burgesek soziedade huni eutsi nahi zioatek. Ni ez negok ez batean eta ez bestean. Eliza eta gaurko soziedadea mailla berean jartzen dizkiat, eta era berean gorroto. —Hortaz? —Azkeneko aldiz esango diat, Jean —erantzun zuen Pierre'k, etsi duenaren modura—. Ez diat zuen Erreboluzioan siñisten, Marx'engan siñisten ez dudalako. Marx'engan siñistu dudan ezkero, ba zekiat zer dan hori: hori, siñistuta egon hadi, kristauen fedearen kide berbera duk. Gauza berbera, benetan. Marx ez duk Einstein' en anaia, Mahomet'ena baizik; marxismoa ez duk errelatibidadearen kidea, Koran'arena baizik. Apaizgaitegira ni gazterik joan nintzanean, sendimen berbera neraman barruan: Egia nian nerekin, eta ez nian ezertarako bildurrik. Zuen ustez, siñistun guzien ustez bezelaxe, gauzak oso errazak dituk: Egiak eskubide guziak dizkik, Makurrak batere ez. Gizon onak eta prestuak zuekin batera doazenak dituk; gizon gaistoak eta afusillagarriak, zuekin batera joan nahi ez dugunok. Eztabaida berandu arte luzatu zan. Eta halere puntu berean gelditu ziran iritziak, zipitzik aldatu gabe. Beste mahaiñetan jendea aldatu egiten zan, eta azkenean ordezkaririk utzi gabe joan. Ondoko mahain kaskar hartan, ordea, bi gizon gazte, jo-ta-ke, eten gabe mintzo. Pierre Meunier hamarretan etxera zanean, nekatuta zegoen oso. Bidean bar batean, ke haundian, eta leihoen lurriñaren atzean, zahar batzuk ikusi zituen dantzan, pozik eta lotsagabe, moldakaitz eta farragarri. Mahaiñetako bezeroek irribarre egiten zuten onez-onetara dantzariei begira. Esku hotzak poltsikuan sarturik, hartan so gelditu zan Pierre kaletik; eta burutazio arrunt batzuk etorri zitzaizkion. Hunek batez ere hunkitu zuen: «Eta nik orain hauei gaur arratsaldeko alkarrizketa azalduko banie?... Eta langilleak dira danak, ziur nago!...» Atsegiñez erantzi zituen oski bustiak gelan. Eta oherakoan hau esan zuen etsita: «Munduak ez du soluziorik. Garbi dago». XIX Astearte arratsaldean, Ihaute-Motz kari, Jean Ghislain'ek Pierre aurkitzeko gogoa zuen, baiñan ez zuen lortu. Berdantzako eztabaidari ekin nahi zion. Ba zekien, bestalde, Pierre Meunier borondate oneko gizona zana; eta bere hartara ezkero, kontsolatu egin nahi zuen. Trotskismoarentzako irabazteko itxaropena, bestalde, ez zuen galdua. Nun ote zan arratsalde euritsu hotz hartan? Nora ote zan etxetik? Mons'etik aldegiña ote zan? Bapatean gogorazio bat izan zuen: Binche'n, noski, Scheelen'darrekin! Joseph hara joatekoa zan, larunbatean emazteak esan zuenez; eta bere alaba ere bai. Pierre'k, beraz, Jean oso oker ez bazegoen, ez zuen halako aukera bat galduko... —Gizona ezin diteke hutsean bizi —zion berekiko—. Pierre'k beti maitatu izan du bihotzez: Jesukristo maite zuelako egin zan apaiz, zoritxarrekoak maite dituelako joan zan mietara. Bata eta bestea utzirik, nork beteko du bere bihotza?», Ez zuen erantzun; baiña berdantzako jokabide bitxi hura ulergarriago iruditu zitzaion. Pentsatu eta egin: arratsaldeko hiruretarako Binche'n zan Jean Ghislain. Laister ikusi zituen, eskaratzetan eta kaleetan, bakanka eta multzotan, soiñeko orixkak, bizkarrak ikaragarri konkor, buruan Erdi-Aroko kapelo hestuak batzutan eta luma luze zuriak bestetan, txiliñak orpoetan, Binche'ko iñauterietako «parteliantak» prestatzen ari. «Binche'ko Gilles» dalakoak, urte osoan barrena prestatuak omen, Binche'ko loria. «Les Gilles de Binche ne sortent jamais de Binche»... Hantxe ikusi behar egiazkoak, omen. Erdi aldera jo zuen. Giroaren hezeak eta hitsak apalago eta txiroago egiten zituen etxeak; eta Jean Ghislain'i barrua asaldatzen zitzaion ikuskaria begiratzean: «Telebista-antenak ez dira falta, egia da; baiñan antenak irudimenaz ken, eta ez da zailla herri koxkor hau guztiz zapalduta asmatzea... dagoen bezela. Zenbatek egingo du gaur hemen, ordea, gogoeta hau? «Gilles» en lumak ikusiko dituzte. Etxe hauetako langillen pairamenak nork? Folklorea ikusiko dute, eta herria ez.» Jendea ugari zegoen, berebillak gaiñezka alderdi guzietatik, zerua goibel eta eurikara, baiñan oraindik ateri. Marrokotarrak, argeliarrak eta greziarrak ez bide ziran han eskas, eta Jean'ek ba zekien; ezta yugoslabiarrak, italiarrak eta españarrak ere. Ba zekien Jean'ek, baiñan ikusteak kiskaldu egiten zuen bere arima. «Hemen dira gizon beltzaran hauek, bizi- behar hutsak hunat etorriak, eta orain Binche'n ikusle... Hauek 'nahi dutelako' etorri omen dira hunat... Horra hor burgesek diotena! Belgikarrek egin nahi ez dituzten lanak egitera etorriak. Hauentzako ez dago «ez» esaterik. Hauetxek dira, beraz, langille «ereduak»... Edozer ordaindu, eta beti prest daude haiñak. Paperak berritu ez, bestela, eta berriz atzera. Belgikar langilleak, aldiz, «gaistatuak» omen daude: eta askok, burgesek haiña atseden irabazi nahi omen du... Telebista nahi dute, bakantzak nahi dituzte, «guztiz beste klasekoak» balira bezelaxe: «burgesek haiña irabazi nahi dutela pentsa diteke». Atzerritar gizajo horiek, berriz, «onak» omen dira, «oso langilleak». Atzerritarrak diran ezkero, gaiñera, (eta nolako erresumatako biztanle jatorriz...) oso mia-gizon «egokiak» dira omen. Ez dute ezertarako eskubiderik askotan, ixilpean eta legetik at tratua egiteko hiruzurrak ez baitira beti salatzen eta zigortzen»... Bi gizon beltzaran illun bere ondotik pasa ziran une hartantxe, arabieraren «h» ugari dalakoak arrastatuz. —Eta Mehdi Ben Barka nun da? —pentsatu zuen Jean'ek—. Erresuma-arazoa omen da! Urde zerriak! Eta gizajo horiek ixillik, marmarrik sekulan ez... Hauek ez dituzte, beraz, bazterrak kakaztutzen. Telebista izan dezaten nahi hainbat erospide dute. Zer gehiago behar?»... Eta txistua bota zuen, eta berriz txistu, eta karkaxa lodi bat azkenik. —Burgesen osasunera! —esan zuen goratik. —Baiñan iñork ez zion kasorik egin. Bereala igaro zan lehendabiziko «Gilles»-taldea, hogei bat lagunek osatua: beren ibillera harrigarrian abiaturik, txiliñen soiñutan eta laranjak aidean ehunka, millaka, ikusleei egotziaz. Nolako herra Jean Ghislain'en bihotzean! Jostatu egin behar Binche'n, langilleak hartaraturik! Xirimiria hasia zan une hartan, oso polliki; eta hezetasunak haztarturik, gero eta sarkorrago egiten zan laranja azalen usaia. Taldeak igarotzean, alde batera eta bestera gurutzatzen zuten aidea laranjek; eta itxaferoak ziruditen argi epel lanbrotu hartan. Ikusleek ez zuten muziñik egiten; eta gazte jendeak batez ere, berariazko zakutan sartzen zituen laranjak, Binche'ko «Gilles» famatu haiei arraspostu bortitza emateko asmotan. Beste talde bat, eta beste bat, eta beste bat... Danak berdiñak, berdiñak ibilleraz, berdiñak kolorez; eta laranja gehiago, eta gehiago, hormetan lehertuak, lurrean zapalduak, masailletan geldituak. Eta zirimiria gero eta trinkoago, eta laranja usaia gero eta nabarmenago eta hertuak, lurrean zapalduak, masailletan geldituk. Eta xirimiria paretak laranja-tatxex gero eta nabartugo. Hemen eta han, burni harizko sare batek gerizaturik, binche'tar familia bat, irriz eta farrez. Jean'ek berak batzutan, laranjakadak aldendu nahiz, makurtu egin behar... —Hau alienazioa! Ulertu eziña zitzaion Jean'i jende txiro haiek gaur (eta XIX-garren mende guzian barrena, beraz!) diruketa gaitzak xahutzea halako folklorekeria batean. Belgika'ko famak dionez, urte osoan aurreratzen dute dirua binchetar langilleek, iñauterietan txano eta soiñeko dotore horiek «behar dan bezela» jantzi ahal izateko... Zer adierazten du, bestetik, kanta zaharrak: «Gilles-t'auras fagne-de pagne-demagne»; bihar ogi-goseak egongo haz. —Aurreratzea: beste burgeskeria bat! —zion Jean'ek berekiko—. Eta luma txuritan xahutzekotan aurreratzea, azkena! Eta zalaparta betean, eta iñork ez entzuteko giroan noski, goratik esan zuen: «Horrela barreiatzen zaituzte burgesek: «Gilles de Binche», Belgika hillezkorra, abertzaletasuna... Ipuiñak! Behin eta berriz ipuiñak eta alienazio hutsa! Walonia desegiten ari, eta zuek dantzan, eta «ohiturai eutsiz»... Nork nahi izan du turkiar eta argeliar horiek hunat etor ditezen? Zuek binche-tarrok? Etorritakoek berek? Ala zuen industria-ugazabek, gutxiago ordaindu nahirik? Ez duzute ezer ulertzen! !»... Une hartantxe leher egin zuen laranja batek Jean'en begitartean, puntu bero, itsaskor, eta minbera bat utziaz. —Horra! —esan zuen goragotik, oraingoan. —Horra! Ederki! Segi, segi hola! Lantegiak hesten diran arabera, zuek laranjatxoak alkarri botatzen! Sozialisten bilkuretan ez dago iñor, baiña Binche'ko Iñauterietan eta Blankerberghe'ko ondarrezko dunetan, multzoka, millaka! Josta zaitezte, bai! Ekin «tradizioari»! Ekin, ekin! Jendeak ez entzuna egin zion. Nor ote zan erretxin ernegatu hura? «Gaur jolas eguna da. Zer ari da ero hori hemen politikeriak nahasten?», entzun zuen emakume zahar batengandik. Beste iñork ez zuen Jean'ek esandakoa aintzakotzat hartu. Zelebre bat, eta danak laranjetara... Masailla hezea eta mindua nabaitzen zuen Jean Ghislain'ek, eta bapatean oso hotza. Mokanesaz garbitzen hasia zanean, farre algara bat entzun zuen bere ondoan: —Zer ari haiz, motel? Joseph Scheelen zan. Scheelen eta bere alaba, eta Jean'ek ezagutzen ez zuen beste gizon bat. —Arratsalde on, Jojo —erantzun zuen Jean'ek, bere amorrazioa nekez izkutaturik. —Bai hiri ere. Zer gertatu zaik, ordea? —galdetu zuen Scheelen'ek irribarre gaistoan. —Ez dakika hire burua hobeki gerizatzen? Hemen baimenik eskatu beharrik ez zegok, ba dakik. Jo eta hautsi; eta ixillik egon behar. Ezer esan gabe begiratu zuen Jean'ek, bere nazka-muziña ager ez zedin saiatuz. —Pierre Meunier ikusi duzute? Hitzegin egin behar diot- esan zuen Jean'ek, bere aurpegia azkenenko aldiz legortzen zuen artean. —Hain zuzen harritu egin nauk hirekin ez ikusita. Ez zekiat. —Ez zekiat neuk ere. Hirekin eta hire alabarekin egongo zalakoan etorria nauk Binche'ra. Ez zozokeria hau ikustera, noski! Iñauteri-jai hau barne-muiñetatik gorroto diat! Eta hau esanda Elsa'ri begiratu zion. Hunek, aldiz, zapi garden bat buruan, zintzilikario borobillak belarrietan, gabardiña urdin illuna soiñean, eta aterki urdin argi bat besoan eta hetsita, galtzara erdira begiratzen zuen antsikabeki, Jean'en hizketaz jaramonik egin gabe. Eta ez zuen Jean'en eztenkada hura harrapatu. Jean Ghislain'i, dana dala, larunbatean baiño ederrago iruditu zitzaion Elsa. Eta hunela mintzatu zitzaion: —Lehengoan, zure etxean, nere adiskidea itsutu ote zenuen bururatu zitzaidan; baiña neu naiz itsu nengoena. —Milla esker —erantzun zuen Elsa'k, beti galtzararuntz begiratuz. —Ez, ba —moztu zuen Scheelen'ek. —Hire apaiza ez zegok gurekin... —Zer esan duk, Jojo? —Hire apaiza hemen ez dagoela. Ongi entzun eta ongi ulertu balu bezela, eta irribarre eztitsua ezpaiñetan, buruaz baieztu zuen Elsa'k, lehenengo aldiz Jean aurrez aurre begiratuz. Ez zekien Jean'ek bere barne-zartakoa nola izkutatu. Zergatik zartakorik, egia esateko? Ez zion hori Seheelen'i esan, egia zan. Eta batez ere, ez zuen hura espero; eta espero ez zuelako, nundik jo ez zekien. Larunbateko eztabaida itsusia gogoratzen zitzaion. Scheelen'i, bestalde, ez zion sekulan azaldu nahi izan Pierre Meunier laguna apaiz-langillea zala: Scheelen'en elizaren kontrako gorrotoa ezaguturik, gizona ezagutaratzea pentsatu zuen aurretik, eta gero lanbidea. Orain, halere, bildurrago zan egia azaltzeko, lapur bat ixilka ezagutarazi izan balio bezela, eta etxean sartu. —Zergatik ez hidakan egia osoa esan? —galdetu zuen Scheelen'ek, pittin bat mespretxu antzera. —Begira... Ez nekien orain arte apaiza danik —erantzun zuen Jean'ek segurantziarik batere gabe. —Ezagun dik bai! Ez zekien Jean'ek ateka hartatik nola irten. Ustekabean harrapatua zan osoki. Soiñuak eta zalapartak berriz haunditzen hasiak: beste «gilles»-talde bat goitik heldu. —Kontuz! —esan zuen Elsa'k oihuka— hemen dator-eta beste astakillo-talde bat, eta hauek ere ez dituzte laranjak faltako. Xirimiria euri billakatzen zan: ez euri larria oraindik, ez erauntsi; baiña bai ikusle guziak blai-blai uzteko modukoa. Laranjak zirala-ta sortu zan iskanbilla hartan, berezi egin ziran gure lagunak. Eta Jean'ek, nahaste borraste hura aitzekiatzat harturik, tranbia bat hartu zuen, eta iges egin zuen etxe aldera, Scheelen'darrak berriz topatzeko bildur. XX Handik hamabost egunetara Elsa, egunero bezela, La Limite-kaleko «Hektos» ikasgura joan zan; eta atarian, nahi izan gabe ere, berriz ere irakurri zuen: «Hektos: Académie par correspondance». Paperen artean murgildu zan: zuzenkizunak banatu eta irakasleentzako prestatu, ikasleei ikaskizunak postaz igorri, diru-kontuak tajutu... Betikoa. Tinbreak erauntsi zuen. Hamar t'erdiak erlojuan. «Hasia da gaurko erronda», pentsatu zuen Elsa'k. «Irakasleren bat zuzenketak ekartzera etorria, edo zuzenkizunak eramatekotan». Eta atea zabaldu zuen. —Egun on, jauna —esan zuen Elsa'k, atea eskuaz heltzen zuelarik. —Zertan lagun zaitzaket? —Elsa!!! —entzun zuen bisitatzaille haren ahotik. —Elsa! Baiña, baiña... zer ari zera zu hemen? Hemen ari zera lanean? Abotsak eta esakerak barne-asaldua salatzen zuten hiztunarengan. Eskallerako erdi illunpe hartan ez zan ia ezer agiri, eta gizon hura nor ote zan errazago zan abotsaren bidez asmatzen, itxura illun hartan ezagutzen baiño. —Zure abotsa nunbait entzun dut, bai, baiña nor zeran ez dut asmatzen —erantzun zuen Elsa'k hotz-hotzean, eta eskallera hartako illunean bere begiak zerbait sumatzen hasten ziralarik. —Pierre Meunier nauzu. Zure etxera negarrez azaldu ziñan egunean, hantxe ninduzun. Jojo Scheelen zure aita ezagutzen dut. Orain dala egun batzuk, Mons'etik aldeginda, latiñezko ariketak zuzentzen hasia naiz hemen. Dufrasnes jaunaren bidez lortu dut lan hau. Ez nekien nik zu hemen... Ez nion antzik ere ematen! —Sar zaitez, jauna —erantzun zuen Elsa'k hozki, eta «Hektos»-enean biak buruz buru zeudelako pittin bat gaitzi. —Bizia ulertu eziña da batzutan —ekin zion Pierre'k, Elsa' ren begirada alperrik gurutzarazi nahiz. —Patuak alkargana egozten gaitula pentsa liteke, Elsa. —Hemen lanean ari naiz, jauna. Lanari dagokion zerbaitetan lagun badizaizuket, pozik egingo dut. Hain zuzen ere, ba dira hor hamar edo hamabi latiñezko ariketa-mordo, latiñaren erakaslearentzako (eta zerorrentzako, beraz). Har itzazu. Eta paperen artean lipar batez billatu ondoren, eskura eman zizkion: —Tori, jauna. —Ez nekien hemen ziñanik. Bistan da ez nekiena, bestela ez nuen egun hau hunenbestez luzatuko. Gaurko egokiera hau ahaztu eziña izango da neretzat, Elsa. —Hemen ni Scheelen andrea naiz. —Eta zure senarraren izenaz, zer gertatu da? De Potter, edo... nola da? —Berdin zaizu hori, jauna. Ni hemen Scheelen andrea naiz. Arren: dei zaidazu hortara aurrerakoan. Maiz etortzen da Dufrasnes jauna; eta, bestalde, bestela deitzeko ziorik ez dut aurkitzen. Ez nauzu behin baizik ikusi. Tinbreak berriz erauntsi zuen. —Barka miñutu batez. Atea idekitzera noa. —Bai, bai. Noski. Pozik abiatu zan Elsa atea zabaltzera. Buruz buru Pierre' kin egotea atsekabe zitzaion. Gizon asko bere inguruan begira ikusi ondoren, ba zekien Pierre'ri atsegin zitzaiola; eta emakume gisa atsegin zitzaiola bestalde. Aterako bidean gogoeta anitz etorri zitzaion burura, eta hau batez ere: «aurrerakoan egunero izango dut hemen apaiz bitxi gezurti hau nere inguruan; eta askotan bakarrik egoten naiz. Hau nazka!». Korridorearen barrena urrundu zan artean, takoikadak tantoka gisa entzunaraziz, begia kendu gabe begiratu zion Pierre'k; eta Elsa oso «sexy» ibiltzen zekiela iruditu zitzaion, eta soiñez lerdena zala txit. Denetan zala, hitz batez, oso erakarle eta oso besarkagarri. Zangoak aztertu zituen ere aterakoan, eta aspaldi hartan ederragorik ikusi ez zuela pentsatu zuen. Ille-mototsa, argitan beltz-beltza islatzen, beltzago ageri zan atzetik. Lepoa, kontrara, zuria eta fiña zan, zuriago eta fiñago motots beltzaren arabera. —Egun on, Lacoste jauna —entzun zan bulegotik. —Egun on, Scheelen andrea. Bakarrik ote? Pierre'ri iruditu zitzaionez, ba zegoen «bakarrik ote» hitz legezko haietan, konfiantzakeria eta legunkeria pittin bat. Zerbait ba zan, uste zuen: maite duten gizonen modura esan zituen hitz haiek Lacoste ez-ezagun harek. Eta kezka hura jelosiaren zantzua ez ote zan bururatu zitzaion Pierre'ri: —Ez, ez, otoi! Eziña da! Eziña da! —esan zuen ahapeka bere kolkorako. —ez dut emakume hau ezagutzen. Ez da posible. Gizon gazte bat aurkeztu zan, hogei ta hamar bat urtetan. —Lacoste jauna duzu hemen —esan zion Elsa'k Pierre'ri. Hemen duzu zure erakaskide bat: Algebra Modernukoa. —Atsegiñez jauna —erantzun zuen Pierre'k, haren jazkera eta itxura osoa xegundu laurden batean goitik behera miatuz. —Meunier nauzu, zure zerbitzuko. Baiñan ez zuen zein lan-mota egiten zuen erantsi. Txorakeria zan, zeren-eta Lacoste harek azkenean errazki jakingo zuen dana; eta, zer axola bestetik? Elsa'k ba zekien. Baiña latiñezko ariketak zuzentzen zituela esan beharra, bere apezgoa salatzea zala iruditu zitzaion. Eta ez zuen, enkas, Elsa'ren aurrean esan nahi. Errazkiago somatuko zuen Lacoste'k agian bere apezgoa Elsa'k baiño. Pierre'k ba zekien, bestalde, bere aurreko erakaslea apaiza zala; eta Lacoste'k galderaren bat egin zizaion bildur zan. Baiña hau guzia txorakeria zala ulertu zuen Pierre'k, eta beste xegundu batez ixilluneari eustea okerrago izan zitekeala sumatu zuen. Eragabekeria zan: apaizek ez bestek erakats ote dezateke latiñera ala? Bi xegundu haiek, halere, gehiegizko ziran: —Meunier jaunak latiñerazko ariketak zuzenduko ditu —argitu zuen Elsa'k. Aita Laval, ba dakizu, Mauritania'ra joan da. Larrugorrian zegoela iruditu zitzaion Pierre'ri, eta guztiz lotsatu zan. Hasarretu ere egin zan: Elsa'ri buruz, eta Elsa'ren aurrean, menpekeria osoan harrapatu baitzuen bere burua. Ez ote zekien Elsa'k ere bera apaiza zanik? —Latiñera erakasten dut, bai —esan zuen besterik eziñean. Baiña bildurtuta zeukan galdera ez zetorren, eta hizketagaia aldatu nahiz esan zion Elsa'ri: —Scheelen andrea. Beste zuzenkizunik ez ote da gaur neretzako? —Ez, ez dago besterik. Mahain gaiñekoak hartu badituzu, horiek dituzu gaurko danak. —Ongi da. Zuzendutakoak hor dituzu, andrea. —Ondo da, jauna. Milla esker —Elsa'k erantzun, bere hizkerari administrazio-kutsua erantsiz. —Agur! Urrena arte! —agurtu zuen Pierre'k besterik gabe. Eta eskalleretan behera abiatu zan, etsirik, lotsaturik, nazkaturik. Baiña kezkaturik ere bai. Lehenago nola ez zan konturatu ez zuen konprenitzen. Alegia, Elsa eta «Lacoste jauna»... buruz buru gela epel hartan. Aitzekia bat asmatu eta gora igotzekotan egon zan zalantzan; baiñan ez zuen egin. Eta etxe aldera jo zuen. Ez zijoan lasai, ordea. Behin eta berriz zetorkion burura esakuntza labur hura: «bakarrik ote?». «Hektos»-enera joan aurretik, zer zitzaion Elsa? Zerbait bai, egia da. Ihaute-Motz arratsalde euritsu hartan Binche'ra jo zuen Elsa aurkitzekotan, nahiz zoritxarrez ez ikusia azkenean; eta Brusela'ra Otsaillaren 12-an aldatzean, tristura sakon batek bete zuen ixil-ixillean: Elsa zoragarri hura, bere bizi guzian lehenengo aldiz modu hartara iñarrosi zuen emakumea, ez zuela segurki berriz ikusiko. «Hektos»enean ustekabez topatzea, hortaz, pozgarri izan zitzaion arrunt, bihotz betegarri hobe, mirari bat; baiñan ixilka bezela sartu zan maitasunaren pozoin eztia Pierre'ren bihotzean, ezari-ezarian; eta eskalleratik jetxi arte ez zuen uste sendimendu hura benetan hiltzaturik zegoenik, eta iñolaz ere aihenatzen jakingo ez zuenik. Lacoste hura, eta bere galderatxoa, egokitu ez balira behintzat! Baiña bai: arazoa mikaztua zan hasieratik beretik. Behin eta berriz saiatzen zan Pierre bi «lankide» haien arteko adiskidantza neurtzen; baiñan ustekeria hutsak ziran danak: Pierre'k ez zekien ia ezer Elsa'ri buruz, eta ezertxo ere ez Lacoste hartaz. Pierre gelditu egin zan kalean bapatean, eta erlojua begiratu zuen: hamaikak eta hogei. Zergatik ez atzera egingo? Beharbada «biak», Elsa eta Lacoste alegia, alkarrekin irtengo ziran ikasgutik. Elsa Scheelen eta «Lacoste jauna» alkarrekin ote? Lazgarri izango bazitzaion ere, jakin egin nahi zuen egia. «Hektos»en aurreko kafe zahar kaskar batean sartu zan, La Limite-kalean bertan; eta barrean zutik gelditurik, «Ekla» bat eskatu zuen. Hamabiak hogei gutxi... hamar gutxi... bost gutxi... hiru gutxi... Taupadak gero eta ariñago: «hau eragabekeria hutsa da; burutik egiña nago ala?»... Hamabiak! Miñutu bat ozta pasa zan, hantxe zegoen Elsa, eskaratzean, zai itxuraz. Bestetan bezin ederra, ederrago beharbada. Buruan zapi garden bat lotu zuen aurretik, eta gabardiña urdiña gerrikoaz hestutu. Atzetik, aterki urdin argi bat eskuan, Lacoste «jauna», Elsa'ren prestamenen zai. Pierre'ren bihotzaren taupadak gero eta desordenatuago: —Madarikatu hori! Ba nengoen ba ni! —atera zitzaion bihotzaren erditik. —Hilko ahal haiz! Elsa'k eta Lacoste'k, alkarren ondoan, baiña besotik ez heldurik, ezkerretara jo zuten. Agiri zanez, maiz egiten zuten gauza bera. DS urdin zahar baten ondoan gelditu, eta Lacoste'k eskubiko atea ideki zuen: Elsa sartu zan aurrenik berebillean; eta Lacoste'k, atzetik ingurua egiñez, gidoiñaren aldetik sartu zan segidan. Piskanaka berebilla pittin bat jaso, eta abiatu egin ziran Sint Josse'ko udaletxearen aldera. Nola azalduko Pierre'k sendi zuena? Ezin aixa esan. Lehenengo aldiz nagusitzen zitzaion halako sua: gorrotoa, herra, ezertan ezin pausatzea, mozkortzeko behar gorria, dana batera. Lozorro betean eta iratzartasunik erneenean batera, barraren ateruntz abiatu zan gogaiturik. —Barka, jauna —entzun zuen Pierre'k, kafeko sehiak oso legunki geldiarazten zuelarik. —Barka nazazu: zure «Ekla» hori ez didazu ordaindu. —Ene, ene! —Pierre'k guztiz lotsaturik—. Sekulan baiño okerrago nago! Barka, jauna: oso berri txar bat izan dut. Zenbat zor dizut? —Zortzi libera, jauna. —Tori hogeitako txartel hau, eta gorde zazu dana. Ene! Barka nazazu! —Ez da ezer izan, jauna. —Eta irribarrez agurtu zuen. Kalera irten zan. Osotara burua galdurik; eta, egia esateko, zergatik? Ez zuen ulertzen. Elsa hura ez zuen sakonki ezagutzen, seriotan hartzea merezi ote zuenetz ez zekien. Zer axola izan zekiokean? Egia, hala zan. Baiñan erraietan iñoiz ere nabaitu ez zituen gorrotoa eta maitasuna, biak eroak, biak neurrigabeak eta adimenetik at elikatuak, alkargainka jabetzen ziran Pierre'z. Lacoste'rekiko, bekaizkeria eta herra. Elsa'rekiko maitasuna, xamurtasuna, eta mendeku-behar izpi bat. Nor ote zan Lacoste zorioneko hura? Gazteegi Elsa'rentzat, Pierre'ren ustez; gazteegi batez ere pentsakeraz, Elsa ez baitzitzaion gazte errugabe iruditzen. Zer ote ziran Hauzitegiko gorabeherak? Zer ziran, beraz, katramilla haiek? Ezer merezi ahal zuen Elsa'k? Nork eskatu ote zuen dibortzioa: Elsa'k... ala De Potter jaunak? —Ederregia da bigarren hau ez izateko! —pentsatu zuen Pierre'k. —Nola burura zekidakean besterik? Puta bat da, baiñan ez du koberatzen. Nahi dituenak hautatzen ditu ohaide! Eta ez zaizkio falta, noski! Hunat hemen seguru asko bere senar-ohiak ukatuko ez zidana! Gorroto dudala uste dut; baiña berandu ez ote dan bildur naiz. Baiña gorroto hura beroegia zan, tema hura jarraikiegia... Alperrik saiatzen zan Pierre Elsa'ren oroitzapena lardazkatzen. Pierre'ren barruan, oso sakonean idatzirik, izen bakar bat aurki zitekean idatzirik: Elsa Scheelen. XXI Pierre pozarren joaten zan «Hektos»enera azken bolada hartan. Egunik illunenak larunbatak eta igandeak zitzaizkion, zeren-eta egun horietan Elsa ikusteko aukerarik ez baitzuen izaten. Gaiñerakoak, aldiz, itxaropen-iturri bat zitzaizkion egunsentitik beretik: «gaur Elsa ikusiko dut». Hauxe zan eguneroko bere otoitz berria. Eta bakarra! Apezgoari datxezkonak aspaldidanik utziak zituen; eta Elsa'ri buruz esaten zuena, Jesukristo'ren izenaz ornituak antziñan egiten zituenak baiña aixa gogotikago esaten zuela erreparatu zuen. Bere burua nabarmenegi ez uzteko, egun batzutan berariaz gelditzen zan «Hektos»enera joan gabe; eta era hortara igarotako egunak, biharamuneko itxaropenak betetzen zituen. Elsa'k hozki hartzen zuen beti: hotz eta eratsuegi. Gauza nabarmena zan Pierre atsegin ez zitzaiola: edonork suma zezakean hau, eta Pierre'k berak ere bai funtsean. Baiña hunek ezin ikusia egiten zion, eta aurrera jotzen zuen; eta ikasguko tinbrea jo bezin laister, bere barne-pakea guztiz zuen galtzen; eta are galduago Elsa'ren begirada, alkarrizketarik hotzenean, bere begietan lipar labur batez aurkitzen bazuen. Gogorkiago eta zuhurkiago jokatzeko erabaki irmo guziak, dardaratu eta desegin egiten ziran Elsa'ren abotsa entzutean; eta hunen begiradarik igeskorrenean gesaldu egiten ziran. Elsa trufatu ere egin zitekean lasai Pierre'z, hau, zernahi pentsatuagatik ere, behar bezela ihardukitzeko gauza izango ez zan segurantzian. Batzutan gogoa ez zitzaion falta; astetan barrena joan arren, Pierre'k apezgoaren berririk aipatzen ez baitzion. Ba zekien jakin Pierre'k, bestaldetik, belaskeria hartan egotea zala jokabiderik kaltegarriena eta galgarriena. Lieja'ko espaiñiar langille harek eman zion aholkuaz ez zan aixa ahaztu: «Tangoak dira egiarik haundiena. Sasi-gizona da emakume baten atzetik arrastaka ari dan gizona. Behin eta berriz arrenguratzen da tangolaria bere kantan, ezen behin eta berriz, nahiz bera negarrez itoa ikusi, emakume maitatuak kasurik egin ez diola, eta maitale berriarengana jo duela». Eta ekiten zuen: «Nola ez? Emakumeak ez du ezer mespretxu haundiagotan idukitzen, maitatzaille ahul eta negartia baiño. Emakumeak ez du negarti bat ondoan nahi, agintari garratz bat gaiñean baizik». Ba zekien Pierre'k, bai; eta egia zana, egunero sumatzen zuen Hektos'enean. Baiña sobera maite zuen; eta bere hartan, ezin zitekean bestela joka. Bere barneko sua izkutatu beharrean, agertu behar gorriak hartzen zuen Elsa'ren aurrean; eta hunetxek galtzen zuen. Bi parte zituen egunak, hortaz, Pierre'ren ustean: bata, Elsa'rekin pasatzen zuen beta; bestea, Elsa ikusi gabe pasatzen zuena. «Hektos»-enera maizago joan ahal izateko, zuzenkizunak batera har ahal izanik ere, piskanaka eta mordo oso hurritan baizik ez zituen hartzen; eta gauza bera zuzendutako ariketak: pillo haunditan eman beharrean, ia banan-banan eramaten zituen, gehiagotan joateko aitzekia billa. Posta, noski, ez zuen iñoiz baliatzen: dana eskuz esku. Egun batzutan goizean eta arratsaldean agertu ohi zan Elsa'rengana, edozein estakuru aipatuz. Telefonoz gutxitan deitzen zuen. Elsa'k bereala moztutzeko aukera aurkitzen baitzuen; eta lotsa hartatik ez zuen berriz pasa nahi. Buruz buru Elsa ikustea gaitzi zitzaion oso hasieran; eta lankideen aurrean ez hitzegiteko, ezer esan gabe joan ohi zan, Elsa halere begiez maitagunez musukatu ondoren. Baiñan Elsa' rekin buruz buru gertatzeko aukera oso zail izanik, nola edo hala zerbait esateko aukera aurkitzen zuen azkenean; eta bide huntatik, apurka apurka, Elsa'ren berri ugari bildu zuen. Hunen erialdiek larritu zuten Pierre gehienik; eta, gero damutu bazitzaion ere, aspaldidanik Pierre'k ezagutzen zuen barbituriko marka baten botillatxo bat egin zion opari; eta, Elsa'k esan zionez, erabilli egiten zuen gauero, eta dosis bikoitzean: «batzutan bestela, eldarnio gogorrak gainditurik, ez bainaiz gauza gau osoan loak hartzeko». Piskanaka, beraz, hitz aspertutan, ixtorio bat gaur eta bihar pasadizu bat, maite dutenek maitatuarengandik ikas dezateken haiña ikasi zuen Pierre'k Elsa'ren ahotik, xehetasun txikienik ere ahaztutzen ez zitzaiolako. Eta Elsa zorigaitzaren atzaparretan ikusi zuen, iñor baiño galduago. Eta bihotzaren erditik maite zuen, gero eta sakonkiago. Elsa, beti goganbehartsu eta aiherukoi, apezgoaren aitorpenaren zai zegoen, eta aitorpen hau ez zuen entzuten. Eta ezinbestean Pierre'ri buruz iritzirik beltzenak elikatzen zituen: «Hau haragikoia da, gizon guziak bezela; baiña horrez gaiñera zozoa da, eta zozotzat nauka». Egokiera haietako batzutan Pierre'k Lacoste topatu zuen; eta bi gauzak lasaitu zuten Pierre alde huntatik. Alde batetik, Lacoste ezkondua zala jakin zuelako: eraztuna ikusi zion halako batez, eta Jaungoikoak eta Pierre'k ez bestek uler dezateke eraztun hura Lacoste'ren eskuan erreparatzeak eman zion pake burugabea; eta, horrez gain, Pierre'ren galdera bat erantzuteko, farre algaraz hala baietsi zion Elsa'k handik egun batzutara: «Bai, Meunier jauna. Ezkonduta dago, eta oso maite ditu bere emaztea eta semetxo bakarra»... Eta farre egiten zuen berriz Elsa'k, Pierre'ren barruan argi eta garbi dana irakurririk. Bestetik, berriz, apropos jakin-miñez «Hektos»-enean luzaz gelditurik, bi aldiz gutxienez puntu bat agertu zitzaion garbi: Lacoste hura goizago joaten zala eskuarki etxe aldera Elsa baiño. —Berebil kaskar bat banu nik bederen —pentsatu ohi zuen Pierre'k. —Baiñan egiaren bildurrak ez gutxitan, ez izatea hobe zala uste zuen: «Ezetz esango balida halere?... Orain ba dut itxaropena bederen...» Hau guzia ez zan aski Lacoste'ren zalantzari zegokionez; ez zan deusik, hobe. Alde batetik, Lacoste ezkonduta egotea ez zan iñundik ere garantia bat: horrelako iritzi xinple baten kontra mintzo ziran Pierre'ren buruan aski gora estadistikak, herriaren esanak, filmak, eta konfesionalean Pierre'k berak sarritan entzundakoak. Elsa'ren beraren iritzi lotsagabe hura joera berekoa zan: «nor da gizonetan bere emaztea iñoiz engañatu ez duen senarra?». Behin entzun zion hau Hektos'enean, eta entzule zeuden hiru gizonak ixildu egin ziran irribarrez. Bestetik ere, era berean, bulegotik alkarrekin ez irtetzeak ez zuen ezer frogatzen: hain zuzen ere, hartu-emanak sakonago egin baziran, bidezkoa zan hain zuzen zuhurki eta izkutuan jokatzea. Halere Pierre pozik zegoen. Ez zuen deus haundirik behar gizajoak Elsa'rengan siñisteko! Lacoste eta Elsa'ren artean ez zegoen ezer. Egia zan. Baiña Pierre'k ez zuen jakin, siñistu baizik. Ikusi gabe siñisten ohitua nunbait... * * * Goiz hartan, beraz, bestetan bezelatsu, hamarrak irian deitu zuen Pierre'k «Hektos»-enean, tinbre ezagun eta itxaropentsu hura erauntsiaz. Gehienetan itxaropen hura ez zan mamitzen, gorago agertu dan bezela: bat edo beste, beti norbait egoten baitzan gela txiki hartan, batzuk lanarengatik joanak, bizpahiru gutxienez luzakor, Elsa ikusteko edo mintzatzeko ustean. Elsa'k ideki zion atea. Martxoko egun eder bat zan. Ipar-haizea azkenean, kostata benetan, gelditua zan. Elsa bakarrik zegoen. Aspaldidanik zegoen Pierre halako okasio baten zai, eta aldez aurretik asmaturik zeukan esango zion guzi-guzia. Bildur zan alkarrizketan eten-uneren bat gerta zedin; eta hortarako, berariaz prestaturik eta gogoan ondo harturik, ba zituen bos- pasei pasadizu arin eta zenbait «berri» (berri bitxi, baiña zaharrak, horrenbeste egunez zai egon ondoren). Bulegoaren aldera sartu ziran biak, Elsa aurretik. Pierre'k bere barne-oreka galdua zuen berriz, eta arras, eta nundik has ez zekien: «zein zan sartzean esan behar nion gertakaria?... zein zan?... Ez naiz oroitzen!». Soiñeko larrosa bat zeraman Elsa'k (gona hestu xamarra eta jaka motxa), eta blusa txuri bat azpitik. Kopetatik oso gora, ohi bezela, ille motots beltza. Belarrietan zintzilikario luzexko pare bat, eta ille-mototsaren erditsuan pitxi borobil koxkor bat. «Nabarmensko», pentsatu zuen; eta pentsamendu hunek min eman zion: «Zergatik nabarmenegi?». Exeri egin zan Elsa bere aulki jirakorrean, eta eztenka nahiean-edo, gaistoki esan zion: —Zer moduz, «signore Meunier»? Eta, hori galdetuta, jiraka hasi zan bere aulkiarekin batera, eta farre algaraz. Begirada, halere, uzkurrago egiten bide zan denbora berean; eta begiak beltzago, pikea bezin beltz hobe. Kiñuak ausartak bide ziran, baiña begirada izuti eta lilluragarri. —Hemen nauzu, ba —erantzun zuen Pierre'k, oso herabe— lanera etorria hobe. Piperrik gabeko esaera hau, motela, geza, ttattala, hutsa, eta nahi dan guzia iruditu zitzaion Pierre'ri. Bere burua garaitua ikusten zuen berriz. Eta bozaren soiñua eta ozena bazan ere, Pierre'k somatu zuen, eta Elsa'k ere bai noski, sasi-ziurtasun hura hutsa zala. —Lanera, beraz, «signore Meunier»?... «Signore Meunier»- ek lan egin nahi du gaur, eta nik ez. Udaberria heldu dala dirudi gaur. Nik behintzat nere odolean nabaitzen dut. «C'est le dégel». Zuk ez duzu senditzen? Eta berriz hasi zan jiraka bere aulkian. —Pierre —esan zion hitzik gabe Pierre'k bere buruari— gogora hadi espaiñiarraren aholku zuzenaz. Uztak, arren, alde batera hire apezgo-giroa. Garbi zegok: emakume hau hire gomituaren zai zegok, eta deitzen hau. Aurrera jo zak. Egin ez ditugunak zaizkigu damugarri; egin ditugunak iñoiz ez. Sendimenduez gero mintzatuko hatzaio. —Kontuz, Elsa —esan zuen Pierre'k— erori egingo zera halako batean, eta... Bere burua sendi zuen Pierre'k, harrigarriro. —Eta?... Zer egingo luke «signore Meunier»ek ni lurrean eroriko banintz? Elsa aspertuta zegoen bere bizieraz; eta Pierre'ri buruz guztiz nagusi izanik, pittin bat jostatzeko gogoa nabaitu zuen. Arriskurik ez zuen batere. Pierre ez zan Luc, ez zan Van- hamme, ez zan Vanden Broeck: Pierre haur bat zitzaion, haur errugabe bat; eta hunen gaistakeriak berak, xinpleak eta errugabeak. Arriskurik ez; eta zergatik ez jostatuko pittin bat udaberriko epeltasun hartan? Begirada hura, ederraz gain (eta beti zan ederra Elsa'ren begirada, beti triste, eta beti olerkitsu), tentatzaille iruditu zitzaion Pierre'ri. Hunek arras galdua sumatzen zuen bere burua: bere odolak goitik beheraiño zirakien. Haitzartean amildu beharraren txorabioa nabaitzen zuen. —Ni ez nago ohituta, ez emakumeak era hortara ikusten, eta ez zorutik besotan jasotzen. —Signore Meunier: izutia zera oso. Trenpu onean bide zegoen Elsa. Ezpata bat hiltzatu zitzaion Pierre'ri barruraiño «izutia zera» hura entzutean. «Egia da —pentsatu zuen— izutia naiz emakumeekin. Nola ez? Apezgaietxe madarikatu hartan irendu egin ninduten. Han galdu dut gaztaroa; eta orain konplejoek eta alukeriek hesten naute». —Zurekin batez ere —esan zuen azkenean. Horixe zan, eta berealatik konturatu zan, behin ere aitortu behar ez zuena. Ba zekien. Gizasemeak nagusi, eta pittin bat kupidagabe, agertu behar du. Adiuntza zail hartan, gizonak agertu behar zuen garaitzaille eta lotsagabe, dudarik ez. Ez iñolaz ere alderantziz. Baiñan Elsa maiteegi zun; eta maiteen duenak galtzen du beti hastapenetako burruka harrigarri hauetan. Elsa, agiri zan, hotz zegoen, txantxetan: Pierre'ren zorabioa ikusiaz, are jolastutzenago. Nola ez irabaziko? —Berriz ere —pentsatzen zuen Pierre'k— gauza bera: liskar mota huntan ere, irabazi egin beharko lukeanak galtzen, eta galdu egin beharko lukeanak irabazten. Beti bat! Maite ez dutenak nagusi, maite dutenak morroi, jopu, mirabe. —Signore Meunier: gaur arratsean ez naiz etxera zuzenean joango. Zer deritzazu? «Garbiago ur garbia», pentsatu zuen Pierre'k. Eta behar zuen ausardia nundik bildu zuen ez zekielarik, hau erantzun zion: —Nora goaz, beraz, gaur arratsean? Haize aztarnarik ez Pierre'rentzat. —Bai? —Nora nahi duzu? —Jatetxe polit eta bitxi bat ezagutzen dut nik Sint Josse'n —erantzun zuen Elsa'k, erantzun hura guztiz normala irudituko balitzaio bezela. —Nora nahi! Nun itxarongo dizut? —galdetu zuen Pierre'k, bere bihotz-taupadak kanpotik beretik entzun zitezen bildur. Orduantxe erauntsi zuen tinbreak. —Lanetik seiretan irtetzen naiz, eta «64» tranbia hartzera joan ohi naiz beti Traversière'ko izkiñara. Beharbada alkar topatuko dugu. Ez da hori? Elsa'k hozki esan zuen hau guzia, atzera egingo balu bezela. Hau iruditu zitzaion Pierre'ri bederen. Eta atea idekitzera joan zan. —Egun on, Lacoste jauna —agurtu zuen Elsa'k. —Egun on zuri ere. Bakarrik zaude? —Lacoste'k galdea. «Horra: berriz ere galdera bera», pentsatu zuen Pierre'k, bere nazka ezin menperaturik. Baiñan arratsean adia eman zion Elsa'k, eta hunek egundoko barne-segurantzia ematen zion. Lacoste sartu zanean, beraz, oso haundiro agurtu zuen Pierre'k, esaten ziolarik: —Egun on, Lacoste jauna. Johan dea? Zer moduz Papy' ren munstrokeria horiek? Lacoste'ri ez zitzaion hau gustatu, noski. Baiña berdin zitzaion momentu hartan. Pierre'k Elsa begiratu zuen, Elsa Lacoste'ri so zegoelarik hain zuzen; eta administrazioko begiez begiratzen zuela iruditu zitzaion. —Agur —esan zuen Pierre'k brauki. —Hor uzten zaituztet buruz buru. Gogor lanegin! Hitzik esan gabe begiratu zuen Lacoste'k, hein batean txunditurik: —Agur, agur, Zizeron. Behingoz hamar bat urtez gaztetua bide zan Pierre: ibillera ariñagoa, arnasa sakonagoa, etorkizunari buruz baikortasuna gaillen, naturalezaren sendimena askozaz ere biziagoa. Egiazki Pierre goiz hartan jaio zan. Etxeen illarak lehenengo aldiz antzeman uste zituen eder; eta Brusela lehenengo aldiz ikusten zuela, Utrillo'ren margoetan Paris'ko hauzo ezagun horiek lehenengo aldiz birrikusten diran bezelatsu. Baiña pozaldi hau ez zan luzea izan. Bereala etorri zitzaizkion zalantzaren hodei illentitsuak: «eta arratsean adiara ez badator? Eta dana neri adarra jotzeko modu bat baizik ez bada izan? Lacoste horrek, gaiñera, haur errugabe bati bezela begiratu dit orain»... Erlojua begiratu zuen: hamaikak eta hamar. Zazpi ordu oraindik! «Hobe» —pentsatu zuen—. «Dana ongi prestatzeko aukera izango dut horrela». Eta azterketa egin ala, bildurrez josita egoteko arrazoiñak zeudela nabaitu zuen. Egia esateko Elsa edozein gauza izan zitekeala: emakume saindu bat edo puta bat; gau hartan alkarrekin ohe berean buka zezaketela edo guztiz hasarreturik; eta Lacoste izan zitekeala lankide huts bat edo Elsa'ren maitalea. Ez zekien ezer ziurki, ezertxo ere. Halaz ere, eta enkas, kolonia-ur botilla apal bat erosi zuen, eta usaiña sarkorregi eta arruntegi gerta zedin bildur izan zan. Alkandora berri bat erosi nahi izan zuen, baiña kontuak egin zituen, eta aski ez zuela erabaki zuen: «ezta gaur ere ez naiz nere buruaren jabe!». —Garbitu egingo naiz bederen —moztu zuen gogoeta—. Txirotasunak maitasuna bera lardazkatzen du eta itsusten... Olerkia bera burgesen berezkeria da!... Ghislain hemen banu, besarkatu egingo nuke, nik uste. «Oso izutia zera» hitz asaldagarriak gogoratzen zitzaizkion eten gabe; eta berriz horrelakorik ez entzuteko deliberaturik, ahalik eta ongienik garbitu zuen gorputza, eta goitik behera kolonia merke hartaz ferekatu eta urrinztatu. Bere gorputza hartara prestatzea (eta berak sekulan aitortuko ez zituen asmoek hartara zuten...) harropuzkeria haundia iruditu zitzaion; baiña, bada-ezpada ere, nahiago zuen prest egon. «Edo-ta ere, zion bere gela itsusian, Elsa'k ez dit berriz 'izuti' deituko. Horixe ez behintzat!». Gizon bati egin dakiokean iraiñik zitalena egin ziola iruditzen zitzaion adiaren ordua hurbildu ala. Aukera izatekotan, beraz, Pierre bururaiño joatera deliberatua zan egiazki, edozein Don Juan mundutar baiño deliberatuago. Bazkal ondoan kafe batera joan zan. Ezin etxen geldi. —Hirurak eta hogei! Oraindik! Ene! !... Aldameneko mahaiñean gazte bikote bat, aurrez aurre exeriak. Ezin begia ken Pierre'k neskarengandik: oso politta iruditzen zitzaion. Ez ote zuen beste egunetan ikusi? Neskaren hitz guziak aditzen zituen Pierre'k, egun hartan jakin-min itsuan, eta kiñu guziak jarraitzen eta hausnartzen. Behin eta berriz neska hura pozarren algaraz ikusten zuen, eta gaiñerakoetan irribarre eztitsuz. Pierre'ren eskubian 25 bat urtetako ikasle bat, kokotz-bizarrarekin eta liburu mordo bat ezker aldean, hotz xamar itxuraz neskari begira. Neska mintzo maizenik, eta mutilla entzule. Neskak aurreratu egin zuen bere aurpegia mahaiñaren gaiñetik, eta musu bat eman zion mutillari ezpaiñetan, musu luze bat. Pierre'k ezker aldera begiratu zuen, berekiko hau pentsatuz: «zer ote da hau? Arratsaldekoaren zantzua? Baldinba! Elsa!». Erlojua begiratu zuen berriz: hiru t'erdiak. Bestetan baiño maiteago zituela emakumeak iruditu zitzaion: «Oker nengoen huntaz: maitemintzean besteekiko gogorrago egongo nintzala uste nuen, eta alderantziz da. Aldameneko neska hau besarkatzeko behar gorria nabaitzen dut gaur; eta Elsa dut bihotzean, ez da dudarik. Ez nekien hau». Berriz eskubi aldera begiratzen ausartu zanean, neskak bi ukondoak mahaiñaren gaiñean ezarririk zituen, eta bi eskuez mutillaren jakaren bi solapak heltzen zituen. «Neska hunen zoriona!», pentsatu zuen. «Eta aldameneko zozo hau zer ari da hor, hotz, harro, axolakabe? Arratsean bere egoeran banengo ni! Jaungoiko maitea!»... Zertara zetorren «Jaungoiko» hitza giro hartan? Nazka sendi zuen: «betirako markatua!». Neskak mutillaren begi batera eta bestera begiratzen zuen, txandaka, eten gabe aldatuz, maitagunea zeriola, ez ezkerrekoan eta ez eskubikoan xegundu laurden batez pausatzen ez zalarik; begi haietan zerbaiten billa ari balitz bezelaxe. Eta, noizean behin, hitzik gabe, mutillaren lepokoa tajutzen zuen, lehenengo aldiz begirada begietatik aldenduz. «Maitagarria zera, neska», pentsatu zuen Pierre'k. «Maitagarria da maitasuna» esan behar zuen; baiñan ez zuen hau ulertu. Seietarako, esan bezela, han zan zai Pierre, La Limite'ko kalean; eta, esan bezela ere, Traversière aldera jo zuen, tranbien geltokiaren aldera beraz. Izkiña hartan ez zegoen Elsa. Eskaratzaruntz so Pierre, seiak eta bostetan hantxe agertu zan Elsa; «Siñistu eziña». —Arratsalde on, Elsa —agurtu zuen Pierre'k, bere-barne poza xularme guzietatik zeriolarik. —Arratsalde on, signore Meunier —esan zuen Elsa'k zirikatu nahian, eta goizeko esaerari helduaz. Ez zekien Pierre'k ez nundik eta ez nola. Baiña hartatik miñutu labur batzutara jatetxe bitxi txukun batean zeuden biak; eta sukaldaria, txano zuria gora, biengana joan zanean, adiskide gisa agurtu zuen Elsa. —Huna hemen —esan zuen Elsa'k— bulegoko lankide bat. —Ezagutzeaz poztutzen naiz —esan zuen Pierre'k mekanika modura. —Gaur neuk gomitatzen dudan ezkero, hasteko ardo pinta on bat eskatuko dut. Ardoa maite duzu zuk, Elsa? —Bai, bai. Nola ez! Pierre'k ez baitzituen ardo-motak ezagutzen, prezioen arabera hautatu zuen bat: 160 libera. Frantsesa, «Château» bat, zein ez zekiela: —Hiruzpalau ordu neketsu eta atsekabe hunela xahutuak... Baiña, bizi egin behar da ere; eta utz ditzadan gogoeta hits horiek alde batera —pentsatu zuen. —Bai, bai: prezio ona da, ez da dudarik —esan zuen Elsa'k—. Baiña, merezi ahal dut? Desegokiro erantzuteko bildurrak, Pierre'k ez zuen ezer erantzun. Aingira prejituak eta oillaskoa: hori izan zan oturuntza. Pierre'ren eskubian exeri zan Elsa. Bazkaldegian jende ugaria. Sapaietik koloretako girlanda batzuk zintzilik. Argi zuririk bat ere ez: danak koloreztatuak eta epelak. Ezkerretan barra bat hutsik bezeroen aldetik, baiña botillaz oso beterik: pillotan metaturik botilla asko, errara eta alkargainka jarriak, eta hautsa aski nabarmen. —Ez nuen atzo berean hau siñistuko —esan zuen Pierre'k. —Zergatik ez? Mundua beti izaten da holakoa: espero ez genuena gertatzen zaigu, eta espero genuena ez zaigu gertatzen. Hauxe da legea. Zergatik onartu zuen Elsa'k arrats hartako adia? Zergatik jostau nahi zuen Pierre'rekin? Zeren-eta joko bat baizik ez zitzaion: ba zekien Pierre'k maite zuena, nahi zuena bederen: itsu-itsuan, griña eragabean, zerua beregan eskuratzeko lillura osoan. Eta hau gizon batengan nabaitzea ez zuen Elsa'k istimatzen. Zergatik kilikatu nahi zuen, beraz? Ez zekien. Bere bizia oso aspergarria zan; eta hain atxematen zuen Pierre aingeru eta izuti, jostaillu bat haur aspertuak bezelaxe nahi zueia berak ere Pierre ondoan giro epel hartan. Odolak ere ba zuen parte bat: udaberri zantzu harekin batera, amets egiteko beharra piztu zitzaion Elsa'ri; eta arriskurik gabe amets egitekotan, Pierre oso egokia iruditu zitzaion. Harrokeriak ere bultzatu zuen hein batean: arrats hartan bere menpean nabaitu nahi zuen gizon bat; eta Pierre, bulegora egunero nabarmenki Elsa ikustera joana, hunen menpean jar zezakean. Atsegin gaisto bat, dudarik gabe: Pierre erreguka, eta guztiz lilluratuta senditzea, desio bizian; eta orduantxe «ez» esan... Mendekatu egin nahi bide zuen Elsa'k, izenik aipatzen ez bazuen ere: mendekatu, pairarazi, norbait negarrez ikusi, maitasun-kontuetan borrero izan lehenengo aldiz! Hizketagaiak eta xehetasunik txikienak Pierre'k aldez aurretik prestaturik eraman ondoren, «Hektos»-enerakoan egiten zuen bezelaxe, dana pikutara joan zitzaion. Ardoak eragiñik —eta Elsa gogoz jalkitzen bide zitzaion gau hartan ardoari— hau oso berritsu azaldu zan, eta oso trenpu onean; eta Pierre, ikaratik ikarara eramanez, ordurarteko bere biziera zehatz eta ageriko lazturarik gabe azaldu zion: De Potter'ekiko gorabeherak, De Potter'en maitaleen berri ugari, berebillean hiltzeko asmotan pasatako arrisku gaitzak, kirioen zartaldiak eta erialdiak; eta irakurleak dazkien gertakariak oro, herabetasunik gabe azalduak, eta beste anitz. —Siñistu eziña da, siñistu eziña. Nobela bat izan da zure biziera, nobela hits bat zuretzako! Ez nuen behin ere somatu- ko, Elsa, nahiz... —Nahiz zer? —Nahiz zure begiradak zerbait oso tristerik salatu. —Bai? —esan zuen Elsa'k bihotzean ikutua, baiña axola- gabekeriari eutsiaz itxuraz. —Senarra zeuk utzi zenuela uste nuen, ez iñolaz ere alderantziz. Elsa'k egia aitortzeko behar gorria nabaitu zuen ustekabean: —Neuk utzi nuela esan ohi nuen lehenago. Oraintsu arte hiruzurrak neuk pairatu nituela aitortzea gaitzi zitzaidan oso. Orain ez. Harrotasuna bera ere iraungi egin da nigan, eta egia aitortuko dizut: nere senarrak desegin du gure ezkontza. Eta hau esatean, afarian lehenengo aldiz, irribarrea itzaldu egin zan Elsa'ren ezpaiñetan. Besotik heltzeko behar jasan-eziña nabaitu zuen Pierre'k baiña bildurrak gelditu zuen bere besoa, eta ez zuen ikutu ere egin: —Baiña, Elsa: gizon hori eroa da. Ez ahal zaitu ikusten? Benetan: ez dut ulertzen. —Benetan diozu hori? —galdetu zuen Elsa'k, berriz ere irribarretsu, eta erantzun ezagun eta legun hura entzuteko gogoak eragiñik balego bezela. Azken azken buruan tenkegin zuen Pierre'k; eta gorputz eta arimaz esan nahi zituen «maite zaitut» hitzak ez ziran entzun. Halere gogor izan zitzaion aitor hura ez egitea. Argi orizta hartan ederrago ikusi uste zuen Elsa'ren begitartea; eta oso nekez gobernatzen zuen bere burua. Elsa'ren aulkiaren atzetik besoa pasa, eta besarkada azkar batez buru maitatu hura bere soiñera bil... Hura ezin egona! —«Benetan» galdetu didazu, Elsa? Eta, nola ez? Zure senarra tentela da; ala ni neu naiz tentelik tentelena. Emakume zoragarria zera, benetan, Elsa; eta zuk ba dakizu. Ez zera soillik emakume polit bat: emakume zoritxarrekoa zera; eta hunek maitagarriago egiten zaitu. Oso atsekabeki hartu zuen Elsa'k egiazko uste hau. Pierre'k, zalantza izpi baten ondoren, ekin zuen: —Elsa: burua galduko nuke zuregatik; eta, hain zuzen... —Zoritxarrekotzat jotzen nauzu, ezta? —zakarrean. —Hori uste dut, Elsa. Zure biziera hutsa iruditzen zait. —Gizon bat falta zait, ezta? —Zure biziera ez da betea, ezin izan diteke... —Gizon bat behar dut, ezta? Ezagutu dugunok beharrago omen. Ez da hala? —Arren, Elsa. Ez alde hortatik har nere esanak! —Pierre larriturik. —Maitagune-giroa falta dut, beraz, eta gauean... hori! Eta farre egin zuen harrigarriro. —Elsa! Entzun arren! —Ez nekien nik zuek apaizok hunen bero eta ausarta ziñatenik... eta gu emakume ezkonduekiko gaiñera! —Elsa!... Utz nazazu dana azaltzera! —Berandu da. Orain ba dakit nolakoa zeran: beste eskuzabal bat, emakume legunen billa ari! —Elsa! Aski da! Oker zaude arrunt, goitik behera! Maite zaitut! Eta eskua heldu zion. —Ken esku hori! —Elsa'k zakarki baztertu zuen—. Eta ixillikago: horko mahaiñekoak guri begira daude. Eta etxeko jaunak ezagutzen nau. Elsa jaiki egin zan, eta berokia jazten hasi. Bere esanen garraztasuna ongi neurtzen ez baleki bezela esan zuen guzia; baiña, funtsean, Pierre'ren azken aitorra frenatu nahi zuen. Pierre'ren sendimenduen iturria agortu. Maitasunak ikara osoa ematen zion; eta hunen beharra nabaitzen zuelako, maite zutenak hastio zituen, gorroto. Bakardade hotz harek samintasunaren leize-zulora amiltzen zuen. Hunengatik guziagatik, jostaillutzat afaltzera eraman zuena, bildur-iturri bihurtu zitzaion: egia esaten ziolako nahi zuen zapaldu. Pierre, aldiz, zorabio batek hartu zuen. Zer egingo? Hitzik bortitzenak esanak zituen bere indar eta prestutasun guziakin, eta ez ziran entzunak ere izan. Aurrera joko? Apezgoa uzteko asmoa zuela aitortuko? Ez zukean siñistuko, estakuru iñoxo bat besterik ez zala uste izango zukean Elsa mindu harek. Gogorazio hauek guziak lipar labur batez hausnartu ondoren, azalpenik ez ematea erabaki zuen; eta gau hartan, eta behar- bada betirako, ezer lortzeko itxaropena arras suntsiturik, galdetu zion: —Nola jakin duzu? Ez dizut besterik ezer galdetuko. Dana galdua dut, eta ba dakit. Pierre'k ordaindu egin zuen, eta dirua aittuta ikusi zuen ordaindutakoan: «Huntarako!»... —Aitak esan zidan Mons'en, Binche'ko bezperan. Kalera irten ziran ezer esan gabe. Haize fiña ari, eta lurra bustia. Berriz ere negua nagusiturik. —Elsa: noiz hitzegingo dizut hotzean? Emaidazu aukera hori. Gaur eziña da ezer. —Ez dakit. Orain beranduegi da. Pierre'k ez zuen hitz egokirik aurkitzen bere hiztegian. —Aita Meunier: dana jakiten da mundu huntan: aldez aurretik aitortzea hobe. Zuk ez duzu hau ikasi. Eta nik gaizki hartu dut zure azalkeria... —Ez da azalkeria izan! —Zure azalkeria, bai; eta nere aitak okerrago. Ez duzute aski bertuterik izan zuen izana aitortzeko. Eta ausardiarik ez duten gizonak, ez dira ezer! Ezertxo ere ez! Abiatzen hasi ziran goruntz. —Apaiz bakoitzarengan gizon bat dago: hau oso errazki ahaztutzen da. Pierre izoztuta zegoen osotara: hortzak karraskan, oiñak hotzak nagituak, gorputz guzia dar-dar. Eta haize fiña eten gabe ari. —Ez zaidazu lagun. Bakarrik joango naiz. Pierre gelditu egin zan: —Elsa: abitturik aurrerakoan ez jaztea oso egoki etorri zaigu. Ba zan garaia! Gizonak gera aurrenik, ez abittu bana. —Koldarrak ez dira ezer. Eta gezurretan ari diranak koldarrak dira. Agur. Gabon! Tranbian sartu zan Elsa, eta ez zuen agurtu ere egin. —Ez diot dana esan, halere —pentsatzen zuen Elsa'k etxerako bidaian. Etxean esan zituenak, ikasguan egunero pinpilinpausa bat bezela nabaitzea, egia osoa ez aitortzea, arazo askotan erdizka ibiltzea, Scheelen'darren anti-klerikalismoa... eta nik besterik ez esan? Onegia izan naiz, benetan. Hau esan behar nion hain zuzen: 'Jostatu egin nahi duzu nerekin ar bat behar dudalakoan. Nitzaz jabetu egin nahi duzu haragiak niganaturik. Kontradizio hutsean zaude, beraz, eta irteerarik gabeko kale batean abiatua. Horrez gaiñera zozotzat naukazu, eta... holakotzat! Ez zera nerekin iñora helduko. Milla liberatan aurkituko duzu ohaide bat Ipar-Geltokiko inguruetan'... Ez esana damutzen zitzaion. Pierre'k, muiñeteraiño iñarrosirik, guztiz lotsaturik, tristurak gainditurik gogoratzen zan etxerako bide luzean begi nabar illun maitatu haietaz, doillor eta kupidagabe, behin ere baiño ederrago eta urrutiago. Guztiz etsita gogoratzen zitzaion miresten zuen abots hura, irain-iturri oparo bihurturik. Gona larrosa hestu harek nabarmenarazten zituen iztar gogorrez oroitzen zan, etsipenean desiratutako gorputz lirain hartaz. Maitasunaren zeru ifernukoia erakutsi zion emakumea ikusten zuen ikusi gabe ere, madarikazio uxola billakatua. Aldegin egin nahi zuen, lurrak irentsia izan, hil, edozer. —Nola izan diteke ni erretzen nauten sendimendu berberek Elsa aiherukoi uztea, eta hotz? «Maite zaitut» hitzak esan ditudanean, bizia bera zijoakidala nabaitu dut. Berak, aldiz, une hortantxe, eskua atzeratu du nerearen ikuera ezin jasanik! Haizea beti ari, aurpegiaren larrua hausikiz, eta etxera ondoratu ala fiñago eta zakarrago. Gelara sartu zanean, barne muiñetaraiño zegoen zauriturik, bihotz erdiraiño gogaiturik. Ohera sartu zan ariñiketan: ezin bestela iraun han. Maindireak busti bustiak bide zeuden, eta kuxkurtu egin zan hotzaren haundiaren bildurrez: «Hil egingo naiz hemen... Hobe!». Elsa, aldiz, egiñaz pozik sartu zan Pâquerettes'ko etxera: «hunek ere, funtsean, ordaindu behar ez zuen eme egarti bat topatu uste zuen nigan. Ba daki orain zein oker zegoen»... Eta argia itzaldu zuen. Baiñan ezin loak har zezakean. Gaua aurrera joan; eta zio guztiz desberdiñengatik bai Elsa eta bai Pierre esnai zeuden. Pâquerettes'ko gela epelean eta Walfelaerts'eko mandio txiro izoztuan, millagarren aldiz emakume mikaztu bat eta lehenengo aldiz gizon on bat, giza-negarraren eresia entzun zitekean, etsia, gaueko illuntasunean bakardadean ari. Alkargandik ezin urrunago eta alkargandik ezin hurbillago. XXII Biharamun goizean, ustegabeko tinbre batek esnatu zuen Pierre goizeko sei t'erdietan. Egunsenti ederra, benetan! Hotza eta garbia. —Nor ote da orain? Azkenean, eta nekez alajainkoa, lo egiten hasia nintzan, eta... kitto. —Konturatu orduko Elsa'ren esan guziak aurkeztu zitzaizkion herronka. Leihora zan, eta leiho barnetik beretik begiratu zuen nor ote zan. Arrastorik ez. Ateri. Hotz. —Heldu! —esan zuen goitik eskalleraz, gabardiña jantziz. Eskalleretan behera joatean azkura bitxia nabaitu zuen begietan eta masailletan, kresalaz busti-ondoko larruaren antzeko azkura. Negar-ondoa ager zekion bildur, mokanes bat billatu zuen gabardiñaren poltsikuetan; baiñan ez zuen ezer aurkitu. Bi eskuez ferekatu zituen, hortaz, bi begiak eta bi masaillak; eta eskaratzara iritxi zan. —Egun on, jauna —esan zion Pierre'k posta-gizonari—. Zer duzu neretzat garai goiztar hauetan? —Telegrama bat, jauna. Izenpe zazu hemen, arren. Bart bi aldiz etorri nintzan, eta bietan hutsegin. —Bai: berandu etxera nintzan bart. Egia duzu. Eskalleran gora abiatu zan Pierre, pittin bat harriturik. Elsa'rena ote zan bururatu zitzaion; baiña txorakeria hutsa zala laister konturaturik, alde batera utzi zuen burutazioa. Gora iritxi aurretik zabaldu zuen, eta flamenkeraz hau irakurri: «Gure aita azkenetan zegok stop hator lehen-bait-lehen stop Roger». —Anaiak bidalia. Nola ez zuten berebil bat lortu, eta billa etorri? Ala... beharbada etorriak dira behin eta berriz, postaria bezela; eta ez naute aurkitu. Bi hillabete lehenago izana zan Linkebeek'en azkeneko aldiz; eta aita ongi xamar antzeman zuen. Ajeak, bai, aspaldi hartan bezela beti hilduratzaille. Lurrean paper bat topatu zuen ustekabean, atearen ondo ondoan: «Hiru aldiz etorriak gaituk hire billa. Aita azkenetan duk. Azaldu bezin laister hator etxera. Roger». —Beti bat mundu hau! —esan zuen papera puskatuz—. Beti bat, beti behar ez dugun lekuan, beti oker!... Hemendik hamar kilometrotara neure aita bere azkeneko gau lantsua pasatzen ari, dirudienez; eta nere bihotza eta pentsamenduak emakume baten uko kupidagabeak astindurik, hemen ezin urrutiago. Munduaren bitxia! Eta ariñiketan jazten zalarik, aitarekiko oroitzapen guziak birrikusi zituen illaran. Urte askotan barrena sekulan ez gogoratutako pasadizu arruntak, gertaera xumeak, xehetasun ñimiñoak, danak, irudimenean bizi-bizirik topatzen zituen bapatean. Aspaldidanik hilla eta ahaztua izan uste zuen haurtzaroa, koloretsu eta maitagarri piztu zan beregan egunsenti hotz urdin hartan. Bezperan ixuritako negarrak guztiz zentzugabeak iruditu zitzaizkion, arras eroak; eta bere buruaz lotsatu zan. Jesukristo'ren hitzak bururatu zitzaizkion: «Egiazki diotsuet ez zeratela iñoiz hilko»; eta irribarre egin zuen. Malkoak ixuri nahi zituen, eta hauek berriz ere azaldu ez. Asalduz beterik atxeman nahi zuen bere burua, baiñan aitaren oroitzapena aurrean bizi-bizirik ikusirik ere, ez zan asaldatzen. «Hil egingo da», pentsatu zuen; baiña naturalezaren lege huts eta hotz bat balitz bezela soillik pentsatu. Urte haietako eliztar sendo eta osasuntsu batzuez oroitu zan, hillagiñean sakramentuez berak orniturik, eta hauen gisako zahartzarorik aitak izan ez zuela nabaitu zuen: beti ajeek gaindituta, eta sarritan makal aspaldisko hartan. Eta oharketa hunek amorratu egin zuen hein batean; baiñan ez tristatuegi. —Zergatik ez zahartzaro paketsu bat nere aitari? Zergatik ez batzuei, eta beste batzuei bai? Zergatik, nahaspilla osoan, batzuk denen ordez ordaintzen? Lanean igaro du gure aitak bizi guzia; eta orain, bapatean, atsedenaldirik batere gabe, azkenekotz abiatu da. Hirurogeita-sei urte. Ez bide dira gaur gehiegi! Bai, ba dakit: besteen ordez pagatu omen zuen Jesukristo'k ere, gaistoen ordez ordaintzen bide dute prestuek betidanik... Nik ez dut Kristo'rengan siñisten. Mundu hunek sentidurik ez duena gero eta nabarmenago iruditzen zait. Barrière aldera jetxi zan, han taxi bat aurkitu eta hartu, eta Linkebeek aldera joan zan. Ipar haizea arras gelditurik, berriz piztua bide zan hirrikitutako udaberri berantkoia. Ederra zan goizabarra; eta ongi ezagutzen zuen zubi gorri gora haren azpitik pasa ondoren, Brusela'ko eskualde haundi bat (Anderlecht, Koekelberg, Molenbeek, Ganshoren) iratzartzen hasi-berria atzeko aldean utzi zuen. —Gauza hitsa, benetan, munduari hunelako goiz batean betirako agur egin beharra! Udaberria gertuan, eta azken gabeko gauean abiatu behar. Linkebeek'eko gaiñetik urrun, zabal, mugagabe, Soignes'ko oihana agiri Ekialdetik. Tarteka etxe zaharrak. Eta laister Pierre'ren etxe ondoko eliza gorri zaharra. Inguru guzian murru bat, aurreko aldean Gurutze-imajiña bat, kanpandorre zorrotz bat, eta eliza-ondo guzian Pierre'k guztiz ongi ezagutzen zituen hillarriak: «Hier rust»... «Hier rust»... Hemen datza... Hillarri puska asko ere sakabanaturik, eta belarrak estaltzen hasiak. «Gemeente Plaatz» dalakoan ordaindu zuen taxia, eta Eliza ezker aldean utzirik, Trap der Honderdjarige karrika meharretik abiatu zan. Izkiñan betidanik irakurritako izkribua irakurri zuen berriz: «Hier verbleef Jef Vanlishout»... Eta gaztetango giroa piztu bide zan bere barruan: —Zenbat aldiz azaldu zigun aitak Roger'i eta neri Jef'en kondaira zirraragarria!... Goiz argi fresku hartan sekulan baiño olerkitsuago zitzaizkion bazter patar illun zahar haiek. Zeru aratz diztiratsu hartan illun islatzen zan kanpandorrea... Ez zion Pierre'k hau sekulan iñori aitortu; baiña halakoxe goiz batean nabaitu uste izan zuen Jesukristo'k apezgora deitzen zuela. Zenbat urte lehenago? Hamabost? Goiz hartan sendi zuen barne-pakea ez zuen berriz ezagutu: poz guztizko eta atsedentsua izan zan hura. Izadia, ustekabean, anaitua zuen; tarte guziak, bai fisikoak eta bai gogozkoak, funditu egin ziran Pierre'ren aurrean. Jaungoikoa ikutu egin zezakeala uste izan zuen goiz hartan; eta Jesukristo'ren hitzak hiltzatu egin zitzaizkion barne muiñetaraiño: «Neu naiz Egia eta Bizia. Nigan siñistu duena ez da iñoiz hilko». Ez zuen konfiantza hitsu hura ulertzen, ez egun hartan eta ez gerokoetan ere; baiña Jesukristo'rengan siñistu zuen osotara, eta aurrera jotzea erabaki zuen: «Jesukristo ez da gizon huts bat, ez da igarle huts bat: gorago dago zalantzarik gabe», pentsatu zuen. Bere burua beste mundu batean antzeman zuen; eta edozein atsekabe alaitasunez beterik eta konfiantza osoan pairatzeko gertu... Elizaren atzean, berebillak sar ezin zitezkean karrikatxo hartan, etxea ikusi zuen ixillean: pakean itxuraz, kanpoko etxaldea eta eliza bezelaxe. Linkebeek'edo nekazari-zulo harrigarri hura bihotzaren erditik maite zuela iruditu zitzaion, eta ordurarte nola ez zuen somatu ez zuen ulertzen. Linkebeek'eko pakeak eraman zuen apezgora; eta Linkebeek'eko giroak bizkortzen zuen bere gizatasunean. Liburuetan eta burrukan aurkitzen ez zuen sosegua, haurtzaroko zugazti harritsu eta aldapa gaitz haietan aurkitu uste zuen berriz etxera itzultzen zan bakoitzean; eta are nabarmenkiago Epailleko goiz hartan. Zer zan hura, ordea? Zer da Linkebeek? Zer zan Eliza zaharraren atzeko bidexka hura batez ere? Bakardade zulo bat egiazki, antziñako gordaillu bitxi bat, Waterloo eta Brusela'ren arteko hauzo ixil bat, gaur bertan ere aski nekazari eta aski flamendar. Ezer besterik ez. Eta halere Linkebeek'ek hunkitzen zuen Pierre, ez Brusela'k; ez, egia aitortzeko, Mons'ek eta Lieja'k ere, nahiz hauetan gizon zoritxarrekoen ondoan bizi izana. Olerkia eta sendiberatasuna, itxuraz, ixiltasunari eta lurrari atxikiak ziran. Saint Exupéry eta Malraux miretsi zituen gaztetan, bai; baiñan ez kinka gaistoan abiatu zan ezkerozkik: «Ezin-egon eta burruka-behar horiek ez dira egiaren seme, larrimiña izkutatzeko aitzekiak baizik». Aitarekin haurretan elizondo hartatik anitz aldiz egindako ibillaldiak otu zitzaizkion; eta orduan bezin zoriontsu iñoiz izan ez zala bururatu zitzaion, eta siñistu egin zuen. Haurtzaroan baloi batekin jostatu ohi zan landatxo hura (inguruetan zelaia zan bakarra) hantxe zegoen, bere hartan, antziñako sasiak eta guzti. Aldatu gabe zegoen ere Denayer hauzokoaren etxe oriska: harrizko eskallerak berdintsu ere, zahartuago eta labaiñago ez balira; beren hartan ikusi zituen sagarrondoak, hostorik gabe oraindik. Hamar urte hartan Linkebeek hartara azaldu ez zala pentsa zitekean: haurtzarotik egun hartaraino etendura nabarmen bat nabaitzen zuen Pierre'k. Etxera sartu baiño lehenago, ataritik beretik, arnasa hestua entzun zuen Pierre'k, neketsu, nekagarri, asaldagarri, orro bildurgarriz nahasia. Eta dardaratu egin zan osotara. —Zer dioke huni buruz Jean Ghislain'ek? —pentsatu zuen. —Nola izan dezake egiaren laurdenik ere heriotzaren problemaz arduratzen ez dan teoria batek? Nor dago alienatuagorik Jean Ghislain eta hunen kideak baiño? Atea zabaldu zuenean, etxean hauspo eskerga bat, lanean jo-ta-ke ari, entzuten zala asma zitekean. Ezagutzen ez zituen batzuk topatu zituen sartzean, danak ezindurik, danak itxuraz penaturik eta etsirik. Danak zai, danak... berriaren zai! Ez besterik. Lotan bide zan aita; baiña bularra gora puztutzen zuen ikaratzeko moduan. Aldamenean exerita ama etengabe negarrez. Gelako aidea kirastua eta bitxia, zergatik azaldu eziñik ere. Amari musu labur bat eman zion Pierre'k, eta Roger anaia besarkatu zuen. Amak gelatik kanpora jarraiarazi zuen: —Bart eman genizkioan azken olioak, eta ba ziak. Nola ez haiz laisterrago etorri? Roger eta Denayer hiru aldiz joan hituan hire etxera, eta ez hinduten etxean harrapatu. —Mechelen'en nintzan Andre Delwaart'ekin. —Hori txiripa ere! Aitortu egin duk parrokiako erretorarekin. Osagilleak dionez ez zegok ezer egiterik; eta heriotza atzoko espero zian, ordubetean bukatuko zala alegia. Bihotzak eusten bide ziok, baiñan ez omen duk luzatuko. Orain ez hau senditu ere egin. Ikusi egin nahi hinduan gizajoak. Bedeinka zak, otoi. Barneko zerbait zaharrakatu egin zitzaion Pierre'ri; eta maitasunez, eta ama bizkortu nahiz ere, gela barruraiño sartu zan, eta aitaren burukoaren parean gelditu. Besoak zabaldu zituen bedeinkatzeko asmotan; eta egiterakoan bere apaiz-eskuak begiratu zituen, eta izutu egin zan. Zer bedeinka zezateken esku argal haiek? Bere burua, hain zuzen, iñorako loturarik gabe somatu zuen; ama bezin abandonaturik gutxienez. —Bedeinka zak, otoi! —esan zion hitzik gabe bere buruari. —Fedea gauza ederra duk... Zer dago gogorragorik, ordea, nere esku hauek ezer bedeinka dezatekela siñistea baiño? Zer gogorragorik zerua «hutsik» dagoela jakiñik, eskuez espantu zentzugabe hauek egitea baiño? Ama Pierre'ri begira zegoen, eta negarrez egiten zuen otoitz. —Kemen orain! Ez duk orain gogoeta horientzako garaia. Ama begira zegok. Has hadi, arren! Gezur esan bazuen ere, eskertzekoa duk Jesukristo'ren mezua: gizonak itxaropena behar baitu aurrenik. Alderantziz, ordea, egia baldin bada ere, arbuiagarria duk gizonaren itxaropena iraungitzen eta hiltzen asmatu dan guzia. Bai amak eta bai aitak itxaropena behar ditek orain... Aitaren arnasa asaldatuago, desberdiñago eta zaratatsuago egin zan. Ohituta zegoen Pierre Meunier, apezak eta osagilleak egon ohi diran bezela, jendea azken hatsetan ikusten; baiña Epailleko goiz hartan ez zan berdin Pierre'rentzat, eta aisa somatzen zuen bere burua ohe illun kirats hartan etzanik, eta arras ezindurik. Behin ere ez bezela laztu zan; ez tristuraz, bildurrez baizik; eta, amaren erreguek bortxaturik, bedeinkatzen hasi zan, pittin bat toteldurik, eta hainbestetan esandako otoitzak nekez birresanez. Hortan ari zala, aitaren betazal batean kiñu txiki ahul bat nabaitu zuen, eta gorputz zurrun hartan harrigarri iruditu zitzaion; eta aitak ezer senditzen ez zuenik ez zuen siñistu. Hantxe gelditu zan Pierre ordu laurden batez, heriotza bere barruan goruntz nabaituz; eta gelatik irten zanean, pekatu larri bat egiten zuela iruditu zitzaion, iges egingo bailuan. —Zer? —galdetu zion aldameneko Denayer andreak. —Ezer ez. Berdin. Piskanaka ba doa, nik uste. Halako batez hauspoaren hats mekanikoa pausatu egin zan, eta etxekoak atzera eta aurrera hasi ziran ezin egonak eragiñik: —Hil egin da... hil egin da... hil egin da... Ama, bapatean, negarrari utzi, eta bizkorturik ikusi zuen Pierre'k, eta senarraren gorputza jazteko gertu. Ba zuten hauzokoek egun hartako mintzagairik: «Meunier jauna hil da», eta «Meunier hil da»; ba zekiten, besterik ezean, alkarri zer esan; eta, azalkeria osoan, betidaniko etsaiek berek ba zekiten joko-legea: «Oso gizon prestua zan... nik beti istimatu nuen... ez zan zaharra... zertaz hil da?»... Gizon baten azken sakrifizio lazgarria, hizketa-gai soil bihurturik! Bakardadea nahi zuen Pierre'k. Ez negar egitekotan, ez; negar egiteko gogorik ez baitzuen senditzen. Baiña sasikeria malkotsu hartatik libratzekotan. Etxea gero eta beteago zan; eta denek nahi zuten gorputza ikusi... pinpilinpausak kandelako argia bertatik ikusi nahi duen bezela. Goiko estaiara joan zan, hainbeste urtez bere logela izandako hartara hain zuzen. Eta hutsune sakon bat sendi zuen barruan: joandako urteen joana. «Hauxe da kakoa», esan zuen ahapeka. «Bukatu behar hori, batetik, eta kanpo hortako zugaitz horien ixiltasuna bestetik. Gure larridurak eta kezkak batetik, eta izadiaren lasaitasun kupidagabe doillorra bestetik: horra hor egiazko dialektika». Leihoa zabalik zegoen, eta zerua urdin-urdiña. Indar guziez hartu zuen arnasa: «Bizi naiz». Eta pentsakor gelditu zan. Etxe aurreko kalexkan eta urrunagoko enparantzatxoan autorik ez. Hauzokoak bakanka joan-etorrian, txingurri bakartien gisa abiadura lantsuan. Zugaitzak geldirik, oraindik hostorik gabe: kima izuti batzuez kanpo hillik itxuraz. Eskolatikako haur-karrasiak soillik entzuten, elizako kanpandorre zorrotzaren ondotik. —Ezer ez, ordea. Gure gauari gau miñari darraikio, gure eritasunari heriotza, gure ametsen akaberari geure buruen ezteustatzea eta ahaztutzea bera... «Niri darraikidana ez da guztiz hilko»... Baldinba! Ez dut, ordea, hori siñisten... Lur huntan ezer ez, eta urdin goi garden hortan ezer ez. Bien erdian zer ote? Itzal igarokor hau dardar, norarik ezean galdurik, noizpehinka ametsetan, sarriago lokamutsetan, irteerarik gabeko bidean abiaturik... Samintasun osoa, baiña negar-zotiñik ez, malkorik ez. Hain zuzen ere, mozkortu egin nahi zuela nabaitu zuen Pierre'k. Aurpegirik gabeko emakume illara baten beharra nagusitzen zitzaiola. Lizunkerietara eta sabelkeriara jotzeko gogoa zan gaillen kinka hits hartan. Ez besterik. Ez iñolaz ere izpirituari zegokiokean ezer. Eta lotsatu egin zan. Beheitik abotsen eta oinkaden zalaparta zetorkion; eta tarteka, agurtza gisa, lelo berbera: «Hil egin da... hil egin da»... XXIII Maiatzaren 6-ean Pierre Linkebeek'en zan, azken bolada hartako aste-bukaera guzietan bezela. Ama alargunarengatik egiten zuen hau batipat; baiña, bestetik ere, udaberriarekin zugaitzak berdeturik, hosto berrien usaia egun osoan barrena hatsartuz atsegin haundia izaten zuen. Brusela'ko kiratsak, alderantziz, gero eta nazkatuago zeukan. Wafelaerts-kaletik Duden-Parkera ez zuen tarte haundirik egia esateko; eta maiz baliatzen zuen abantail hau gogara egurasteko. Usterik guxienean, arratsaldeko edertasunaz baratzan exerita gozatzen ari zalarik, Richard Schleiss apez adiskidea agertu zan hara, amak lagunduta. Bi apezok alkar gogoz eta luzaz besarkatu ondoren, eta Schleiss'ek parrokia berriaren gorabeherak eta istilluak xeheki azalduta gero, ikustamenaren zioa azaldu zion: —Pierre: heldu den 15-etik aurrera, eta hiru egunez, erretiroa izango diagu Maredsous'ko komentuan. Andre Martin'ek zuzenduko dik. Ezagutzen duka? —Bai, bai. Alegia: aditzea ba diat, nortsu dan ba zekiat. —Hire hortan, eta aita galdu berrian, garai ona dala iruditzen zaidak. Ez gaituk asko izango. Eta, Maredsous'ko eskualdearen edertasunaz zertarako hitzegingo? —Oso duk ederra... igandeetan ezik! —Erromesak gaur egun autotan eta motorretan joaki, bai... Nun dira antziñako erromes haiek? Egia duk, bai: jendetza haundiegia biltzen duk hara. Baiña gu astelehenetik ostegunera egongo gaituk, hain zuzen. Zer, beraz? Ez zuen Pierre'k huntaz pentsatu, egia da, eta ez gutxiagorik ere. Alabaiña, zergatik ez joango? Zergatik ez, gertakari gogor haien ondoan, bakardade-aldi eta gogoeta zenbait guziaz egitera? —Bai Richard. Joan egingo nauk —esan zuen irmoki. —Hamalaueko arratsean Maredsous'en egon beharra zegok. Egin itzak kontuak. —Ongi duk. Hantxe izango nauk. * * * Zugaztiaren aldera zegoen Pierre'ren gela; eta igandetik beretik, jendetzak eta auto-pilloek erabat aldeginda gero, ibillaldi bat egin zuen legarrezko bide bakartietatik. Paper-puskek eta edonolako hondakiñek hango olerkitasuna lardazkatzen zuten; baiñan egia biziago eta sarkorrago egiten ez ote? Zarata hura pasata, arrasto higuingarri mordo bat baizik ez zan lurrean agertzen; eta zugaitzen adaburuetatik haize balek armoniaturik, izadiaren ixilla, kima gurien urrin gaztea, erreken zurrumurru izutia, lehenagoko eta betiko pakea berriz gaillen... Irudiaren lazgarria! Gizonok eta gizadiak berak ordu zaratatsu labur batzuez Lurreko azala zikinduko eta lardazkatuko; baiña, gerora, izadiaren ixiltasuna eta mututasuna gaillenduko dira gure legordietan... Horra hor gizadiaren patu ikaragarria, pentsatu zuen Pierre'k. Gaueko lanbroa ez zan Maredsous'ko eskualde itzaltsuan oraindik pausatu, baiña laister hedatuko zan Meuse'tik hasita. Gaua izartsu agertzen zan goietan arte hartan. Arnasa hartu zuen Pierre'k gogotik: pozik zegoen hara etorria izateagatik. Bakardadean murgiltzea beti onuragarri bere ustez. Biharamuneko gosarikoan, bere hamar kideak agurtu zituen: danak aspaldidanik ezagunak, eta Belgika'n zehar sakabanaturik. Pierre'k ez zuen bere iritzia eman aditzera; baiñan urrun aurkitu zituen danak, oso urrun, beste mundu batetik etorriak balira bezela: beren hizketa-gaiak xinple atxeman zituen, beren iritziak arrunt, beren politika-teoriak eskuindar eta huts; erlijioari buruz, azkenik, deus ez: aipatu ere ez zuten egin ezer: Jaungoikoaren gaintasuna parrokiako administrazio txepel bihurtua ikusi zuen. Jean Ghislain trotskistaren suaz gogoratu zan; eta hunengandik bertago zegoela iruditu zitzaion. Hamaika erretirokide haiekin hiru egunez mintzatu eta parre egin beharra, gaitzi zitzaizkion, eta ahalik eta luzeenik gelako bakardadean gerizatzea erabaki zuen. Aita Martin'en predikuak eta ideiak oso egoki etorri zitzaizkion Pierre'ri: bidea eta hautakizuna garbiago islatzen zirala antzeman zuen. Konkordismo eta alkarkeria guziez beste muturrean agertu zan A. Martin bildurrik gabe. Bortxaren kontra, mundutar garaitzapenaren kontra, dagoen guziaren uko osoan; mistikeria hutsean agertu bide zitzaien Pierre'ren lagunei. —Arrisku bat dugu gaur —esan zien batez ere asteazkenean, saioa hesterakoan— eta arrisku hori egokikeria, errazkeria, oportunismoa da; alegia, nola edo hala mundua guregana bildu nahia. Gu ez gera, ordea, mundu huntarakoak. Munduak gorroto egin behar gaitu, anaiok; munduak ez gaitu ulertu behar, erotzat hartu behar gaitu. Erotzat eta arriskukotzat hartu behar gaituzte txiroek berek, baiñan areago noski aberatsek eta agintariek. Kontutan har zazute hau: ia-ia hitzez hitz, zipitzik aldatu gabe, Ebanjelioko hitzak gogorazten ari natzaizue. «Lagun urkoa maitatu behar da. Zer da, ordea, kristau gisa lagun urkoa maitatzea? Hunentzako munduko aberastasunak eta garaitzapenak opa izatea ote? 'Agintean daudenak morroi egingo dituzte' zion igarleak. Egia. Zein maillatan, ordea? «Lagun urkoa maitatzea, adiskideok, lagun urko horren salbazioa nahi izatea da. Hots, nor da salbatuko? 'Zoriontsu zuek pairatzen duzutenok, zuena izango baita zeruetako erreiñua'. Eta gu, hori jakinda, hori siñistuta omen, zertan abiatu gera? Marxistek bezelaxe pairamendu eta neke horiek erauzi nahiz! Irri-algaraz eta betekerian nahi dugu jendea Kristo'rentzat irabazi. Eskuindarkeriaren arriskua nabarmena baldin bada, ezkertarkeriaren arriskua ez da gaur txikiagoa. Biek dute oiñarrian sustrai berbera: ezin frakasoaren gurutzea jasatea, munduan garaitu nahia. «Ez dugu federik: hau da kakoa. Gure bidea, betiko loriaren bidea, pairamenetik, sofrikarietatik eta gurutzetik igarotzen da. Eta, Kristo zerbitzatu nahiz omen, jendea pairamenetatik, sofrikarietatik eta gurutzetik libratu nahi dugu. Pekatutan zeudenak barkatu egiten zituen gure Salbatzailleak; eta ezin bestean soillik ogiak ugaldu eta ura ardo bihurtu. «Camilo Torres'en idazkiak irakurri ditut. Bere sua eta maitasuna onartzen ditut, baiña bere konponbideak eta burruka-mailla bera iñolaz ere ez. Munta duena arimaren salbazioa da, eta Jaungoikoaren nahia borondate onez eta eraman osoz betetzea. Munta duena arimaren gosea da, eta ez urdaillarena. Kristo oiñazetan eta mespretxutan gugan nortzea, gizadiaren pekatuak geure sofrikariez ordaindu nahia, mundu huntako ezertaz ez kezkatzea: hauxe da gure eginbeharra. Hau ziñegin genuen apez egitean. Baiña hinduzale batek geure bidea erakutsi arte, guruzada-giroa zan nagusi gure artean; eta gaur bertan ere ez txuri eta ez katoliku ez dan Martin Luther King Artzaiak hartu du iñoiz guk galdu behar ez genuen otzantasun-zuzia»... Apez lagunak ez ziran pozik. A. Martin ez zitzaien «pratiku» iruditzen. Pierre'k, ordea, besterik uste zuen: «Hunek du egia. Nork bere fedea izan, halere?». Eguerdi irian gelara sartu zanean, leihoa zabalik zegoen, eta zeru urdiña ageri zan adarren artetik: —Ederra litzake, bai —zion Pierre Meunier'ek berekiko—; ederra izan zan benetan neretzat siñistu nuen artean... Baiña gaur fedea galdu dut... A. Martin'ek arrazoin guzia luke, egia balu! Federik ez dugu: xuxen ikusten du gure akatsen erroa. Ez dut nik federik, noski; baiña nere hamar lagun hauek ere ez. Ia iñork ez: horra hor egia... Zergatik ez, ordea? Kristau helburuak ez ote dira amets eder huts bat? Pablo'k garbi ikusi zuen hau orain dala hemeretzi mende: «iñoiz piztuko ez bagera, alperrikakoa da gure fedea». Piztuko ote gera, beraz? Nork siñisten du hortan egiazki? «Ipuiñak! Gauza ageria da, nere ustez, heriotzarekin batera bukatzen dala gure bidaia egitekotsu hau. Buruz ikasi ditudan hitzak zaizkit egia: «Le monde a commencé sans l'homme et il s'achèvera sans lui. Les institutions, les moeurs et les coutumes, que j'aurai passé ma vie à inventorier et à comprendre, sont une efflorescence passagère d'une création par rapport à laquelle elles ne possèdent aucun sens, sinon peut-être celui de permettre à l'humanité de jouer son rôle... Les hommes ont fait trois grandes tentatives religieuses pour se libérer de la persécution des morts, de la malfaisance de l´audelà, et des angoisses de la magie. Séparés par l'intervalle approximatif d'un demi-millénaire, ils ont conçu successivement le boudhisme, le christianisme et l'Islam; et il est frappant que chaque étape, loin de marquer un progrès sur la précédente, témoigne plutôt d'un recul. Il n'y a pas d'au delà pour le bouddhisme; tout s'y reduit à une critique radicale comme l'humanité ne devait plus jamais s'en montrer capable... Qu'ai-je appris d'autre, en effet, des maîtres que j'ai écoutés, des philosophes que j'ai lus, des societés que j'ai visitées et de cette science êeme dont l'Occident tire son orgueil, sinon des bribes de leçons qui, mises bout à bout, reconstituent la méditation du Sage au pied de l'Arbre?... jusqu'à ce que nous accédions à l'unique présence durable, qui est celle ou s'evanouit Ia distinction entre le sens et l'absence de sens: là même ou nous étions partis. Voilà 2.500 ans que les hommes ont decouvert et ont formulé ces vérités»... «Marxistek ongi ezagutu dute hunen kakoa; eta Levi Strauss eta Heidegger anaia bizkiak dirala diote. Xuxen ikusia»... Zerua begiratu zuen, eta siñistu eziña iruditu zitzaion hutsa izatea; baiña laister nagusitu zan bihozkadaz, eta gogoetari ekin zion: —Xuxen ikusia, bai. Ezen kakoa hau baita: baikorkeria da kondenatu beharra. Baikorkeria da alienazio nagusia. Eta baikorkeria hortan, Levi Strauss'ek xuxen dion bezela, bai kristautasuna eta bai islamismoa sartzen dira. Zergatik ez ere («La Pensée Sauvage» liburuan hau agertzen dala uste dut) prometeozalekeria-mota guziak, eta marxismoa bereziki barne? «Gogoeta lazgarri hauek ebakitzen dituzte gure kezka eta arazo guziak. Kristau fedeak ez du funtsik, eta besteek ere ez... Elizetan jendea hutsunean kantatzen entzun dut nik askotan, ni lotsaz beterik aldaretik erantzule... Nere eskuetan erabillitako otamen segail baten aurrean belauniko ikusi dut nik, neu ahalkez beterik... Kanta horien entzulerik ez baitago, eta otamenetan ez bainuen nik ezer erasten nere eskuetako koipea izan ezik!... Melanesia'ko eta Afrika'ko ritoetan agertzen zaigu nabarmen liturgia guzien hutsa eta gezurra... Gure deiei eta erreguei ez zaie iñoiz erantzun, zeren-eta erantzulerik ez baitago!... Tutankamon'en hillobian jan-gabe eta ikutu-gabe zeuden «bidaia luze»rako janari eta hazkurri guziak... Eta guk gaur irribarre egiten dugu, Osiris'en gorabeherak haurrentzako ixtorioak iruditzen baitzaizkigu... Errelatibumena falta dugu... Geure zibilizazio eta siñesteei buruz Ptolomeo-zale gera errotik!...» Eguzkierrea. Kopeta zimur. Hostorik meheenak berak geldirik, dana bare bare, sargori pittin bat, izadia zai itxuraz. «Zeren zai?»... Begien aurreko hura guzia ixillean hausnartuz zijoan Pierre, ukondoak leiho-hegian pausaturik. Beharbada hura guzia, eta betirako, eta beharbada laister, utzi beharko zuen. Baiña burutazio hau etorririk ere, ez zuen ezer berezirik erreparatu barnean: «Hemendik bost urtetara, edo hamarretara, edo ho- gei-ta-hamarretara, edo... bihar bertan (izutu egin zan! ), noiz ez baitakit, ez dut hau guzia ikusterik izango, lau metro Iur izango baitira nere hillobiaren gaiñetik. Eta... zer? Zer, bai?». Harritu egin zan: heriotz-aurreak asaldatzen bide zuen, ez batere heriotz-ondoak. Deuseztatzeak ez zuen goiz sapa hartan mendrenik ere kezkatzen. Eta hau berria zitzaion. Noizpait amaitu beharrak astintzen eta jazarrarazten bide zuen gaztaroan; baiña, itxura zanez, bapatean ezetz igartzen zuen. Bere hogei urteetan, sasoiaren gorengoan eta uztaldian beraz, muga guzietatik at legokeanak dardaratzen zuen: handik haratekoa, trazendentziaren kezka, heriotz-ondoa zuen problema nagusitzat. Maredsous'en hamabost urte geroago, ez: egonaldi hartako idorokunde hau izan zan gertaerarik pixuena: hil-ondoa, abstrazioak, hori guzia, hutsa zitzaizkiola, gaztetango seta hutsa, mespretxagarria, ezerez eta igartua. Ustekabean Pierre'k guztiz lurtar eta mundukoi atxeman zuen: «Bizia da eskeiñi zaigun emaitza bakarra. Utz ipuiñak, eta goazen gaurdanik bizi etenkor hau uxtiatzera». Bere hartan apezgoari eusteak ez zuen sentidurik, ez zuen funtsik: eragozgarri izango zitzaion, hain zuzen, bai gizon gisa eta bai apez gisa. Eta sekulan baiño zinkiago apezgoa uztea erabaki zuen. Uste zuen bezin garratz ez zitzaion pausu hau gertatu. Bere erraiak urratu beharrean, lasai asko gelditu zan, zama bat kenduko bailiotekean. Eta irribarrez zion: «Erretiro batean erabaki behar nik, eta hoztasun osoan, apezgoa uztea dagokidala. Hau marka!». Ez zien halere erretiroko lagunei ezer salatu bere asmoez. A. Martin batez ere begiramendu guziaz tratatu zuen: zerbaitetan siñisten zuten guziekiko mirespena emendatu egin zan Pierre'ren barnean. Elsa'ren irudia irten zan soillik kinka hartan garaille. Pierre'ren munduaren fundiera hartan, sendimendu bakar batek iraundu zuen tinko, iñoiz baiño tinkoago: Elsa'rekiko bere maitasun mingotsa. Eta beroni danaz argi eta garbi hitzegitea erabaki zuen. Ausartu ere ez zan egiten hitz hau esatera; baiña, zer desiragarriagorik emakume eder eta zoritxarreko hura salbatzea baiño? Funtsean, egiazki, Elsa Pierre'ren arreba bizkia zan: biak hutsik, biak bidez nahasiak, biak hotzak dardar. Baiñan ez zekiten. Anarteko Elsa'ren jokoa ulertzen zuela iruditu zitzaion Pierre'ri: nola nahi zezakean dibortziatutako emakume harek, bere gertaera latzen ondoan, apez ero ez-ezagun bitxi baten eskuetan jarri? Nolatan okerragotan jokoa berretuko? Eziña zan, noski, Elsa'rengandik besterik jasotzea. Pierre'ren ustez hauxe izan zitekean gertatutakoen kakoa; eta pentsamentu hunek bizkortu egin zuen. Agian Elsa'k Pierre beste modu batera begiratzeko erarik ba zegoen oraindik... «Agian bai!». Opari bat eskeintzea bururatu zitzaion; eta, Elsa'k onartzekotan, etendako alkarrizketa hura berriz has. Zer opalduko? Maredsous'ko bereko edari-botilla bat? Komentu-kutsua markatzea burugabekeria zitzaion hain zuzen ere, hura ez baitzan egonaldi hartatik zekarren mezua. Hala ta guztiz ere, ez ote zan egokiena botilla haietako bat? Aitzekien artean, alegia, huraxe zan arruntena eta siñisgarriena: «egun batzuk Maredsous'ko bakardadean pasa ditut, eta likore apur hau ekarri dizut»; eta lehenengo alkarrizketan, erabakien berri emango. Besterik ezer eskeiñi ezkero, ez ote zan harrigarriegi? Zergatik bestalde opari bat? Zergatik opari haundi bat ia bi hillabetez ikusi gabe pasa ondoren? Afariaren eguneko iraiñak eta itsuskeriak sariztatzeko? Azkenean, beraz, eta itxaropen txikiaz, likore-botilla bat, ongi apaindurik, Hektos'enera eramatea erabaki zuen. Egun gehiegi ziran Elsa ikusten ez zuela. Izkutuan egiazko egutegi bat zeraman Pierre'k Elsa'ren gorabeheraz soilki idatzirik; eta berrogei horrialdetan ezer ez zegoen idatzirik, Elsa' ren berririk izan ez baitzuen, eta izatekotan ixillaldia ez telefonoz, ez gutunez eta ez buruz buru hitzegitera joanaz, ez baitzuen eten. Foto baten beharra nabaitzen zuen, edozein mutil gaztek bezelaxe! Eta berak lehen siñistu hauek umekeriak zirala!!... Fotorik ezean, bestela, ezin gogora begirada legun hura. Ezin. Aste gehiegi joanak. Saiatu egiten zan, baiñan ezin garbi ikus irudimenean. Ostegunean Maredsous'tik Pierre'k bakarrik aldegitean, eta beherunzko bideetatik barrena abiatzean, harrizko murru gaitz arre haiek begiratu zituen barne-mogidarik gabe; eta «urren arte» esan beharrean, «betirako adio» atera zitzaion bihotzaren erditik. Eta negargurarik ez. Pierre'ren biziaren aro bat amaitua eta gainditua zan, zalantzarik ez. «Orain... Orain hasiko naiz munduaz gozatzen». XXIV Maiatzaren 24-ean Hektos'enera joan zan Pierre. Alde batetik, gogorik ez zuela pentsa zitekean. Elsa'rekin buruz buru ikasguan egokitzeko bildur baitzan. Hauxe nahi zuen harek, bai; eta Maredsous'tikako oparia eman egin behar zion. Baiñan aita hildako bezperako gertaera hitsaz oroitzen zan, eta azken egunetan Maredsous'en hozitutako itxaropen kima guziak, igartzen zirala somatu zuen. Asteazken hartan, halere, braseria batean martini hotz bat hartu ondoren, Hektos'eneruntz abiatu zan. Zazpi aste hartan harat ez agertua! Eskola-zuzenkizunak posta-kutxan uzten zituen bolada hartan; eta Hektos-Ikasguak jasoak zituela ba zekien, erantzun gisa txartel hotz batzuk ukan zituelako. Horri hori haietan, gehienik moldiztegian idatziak, Elsa'ren lerroren bat ote zetorren miatzen zuen astiro Pierre'k arreta guziaz, baiñan arrastorik ez zan agiri. Maredsous'era joan aurretik, deus ez zekien Elsa'ri buruz; deus berririk alegia, zorigaiztoko afari hartako gertaeretatik at. Ez-ikusia egin zuen Elsa'k berebat, eta ezer galdetu gabe, eta arras administrazio-gintzan, moldiztegiko txartel soillak igortzen zizkion, zuzendutako ariketen ordaiñez. Hektos'eneko La Limite-kalean barrena abiatzean, beraz, hutsunearen hutsa zeraman Pierre'k. Sotora ondoratu ala, belaun-koxkorretan ahulezia nagusitzen zitzaiola zirudien, eta besoetan hotz hezea. Zergatik ez zekiela, Maredsous'ko botilla beharbada ahaztu zitzaiola bururatu zitzaion. Ezkerreko eskuaz irmo heldurik zeramala frogatu zuen. Baiñan oker zegoela konturatu baiño lehenago, alegia, oparia ahaztu ez zuela (xegundu laurden eskas bat ote, guzira? ), barne-zauskada bortitz bat jasan zuen, bihotzaren astiñaldi baten antzera. Ia-ia ikaratu egin zan. Eskalleran gora joatean, sukarrak hartuta ote zegoen pentsatu zuen: —Motel, motel! —esan zion bere buruari— lasai hadi, arren! Gaizki hasiko haiz berriz ere, hunelako asaldua bere aurrean hitzaz jabetzen baldin bada. Tinbrea jo, eta bihotz taupadak kanpotikako soiñu guziak baiño azkarkiago entzuten Pierre'k. Emakume-oinkadak eta argiaren giltzatxoaren soiñua antzeman ziran eskalleratik. —Egun on, jauna —esan zuen Elsa'k atea idekitzerakoan. Pierre'ren bihotza guztiz nahasturik. Huraxe zan, bai, begien aurrean zeukan egun illun luze haietan alperrik bere oroimen zurbilduan billatu zuen irudia! Hogei-ta-hamazazpi egun illunpetan... —Nahigabean lagun, Meunier jauna —esan zuen Elsa'k, abotsean zintasuna agertzen zalarik. —Milla esker, Elsa —erantzun zuen Pierre'k, bapatean bere baitan hein batean bizkorturik. —Milla esker, Scheelen andrea! Soiñeko urdin illuna zeraman Elsa'k: hau besterik ez zuen Pierre'k erreparatu. Elsa'ren begiak ikusi zituen: ia besterik ez. Dana, beraz! Begirada ñirñirkari hura iñoiz baiño otzanago atxeman zuen. Ezpaiñak ere ikusi zituen une batez, eta hestuegi iritzi zituen: ez zitzaizkion arras laket izan. Berriz begietara so egin zuenean, zoritxarrez, begirada legun zoragarri hura bulegoaren aldera aldatua zuen Elsa'k, haruntz abiatzean. —Zer moduz, beraz, Meunier jauna? —esan zuen Elsa'k, ixillune hura zerbaitez bete nahiz. Aurrean zeukan gizon haren begietan eta pausuetan beretan, griña sutsuaren ezagugarriak oro idoro zituen: «Gizon hunek, dudarik gabe, nahi nau». Eta Elsa'ren barrena poztu egin zan lehendabiziko mogidaz: harrotu egin zan, egia esateko, arraren desirkundea antzematean emakumea hantzen eta alaitzen dan modura. —Ezer haundirik ez, Elsa. Eta, zu? —Pittin bat damutua. Aitarenaz gain nerea... Egitan: damututa nago. —Damutua diozu? —Pierre'k amets egin uste zuen. —Zertaz damutua? «Damutu» hitza gehiegizkoa iruditu zitzaion Elsa'ri esanda segituan; baiña tenkegiteko betarik ez: —Bai. Damutua... Gogorregi izan nintzan azkenekoan zurekiko. Halako jipoirik merezi ez zenuela uste dut gaur... Argi eta garbi aitortuko dizut: pozoia iruditzen zaizkit gizonen hitz legunak. Pentsatzen zuena esan zion Elsa'k hortan. Afaritakoan bildurra zitzaion nagusitu: bildurra izan zan jokabide zakar haren eragillea. Gizon guziekiko bildur zan Elsa; eta hauek beroago eta atsegiñago eta bihozkorrago, eta Elsa bildurrago, uzkurrago eta atzerago. Zeren bildur? Zerekiko uzkur? Zertatik igesi? Ez zekien garbi. Ez zan gizonik batekin ere fio. Ez zuen ez «maite» eta ez horrelako hitzik batere gizaseme baten ezpaiñetatik entzun nahi. Behazunezko garnataz jantzitako amu pozoitsua zitzaizkion. —Anitz esker, Elsa. Bihotz-bihotzez eskertzen dizkitzut hitz eder horiek. Egiaren erdia baizik ez zuen aitortu. —Ez nauzu ezagutzen, Meunier jauna; eta neuk zu ere ez, egia esateko. Ez dugu alkar ezagutzen. Ez dago burua galtzerik. Mesfidantza: hauxe zan entzun behar zan hitza, baiñan Elsa'k entzunarazi ez zuena. —Nik neuk ere, beste aldetik —esan zuen Pierre'k gero eta hunkituago— dana barkatzen dizudala jakiñarazi nahi nizun. Egun hauetan Maredsous'en egon naiz erretiro bat egiten; eta soma ezin ditzakezunak erabaki ditut. Nere azken erretiroa... Pierre'ren begietan diztiraldi izuti bat nabaitu zuen Elsa'k. —...Eta, oroigarritzat, hango botilla txiki apal hau ekarri dizut. Bizkortu egin zaitzake egunen batean, nik uste. Eta oparia eskeiñi zion. —Milla esker —erantzun zuen Elsa'k harriturik. —Ez zenidan ezer ekarri beharrik. Merezi ote nuen, ala? —Zeuk esan. —Ez nuen merezi, ez dago zalantzarik, eta zuk ba dakizu. Damutua nago, benetan, Meunier jauna. Anitz esker. Ongiegi hartzen nauzu. Pierre'k ehun burutazio izan zituen xegundu batean, ehunak alkarren ukatzaille. Hitz gozo haiek entzunda, giroa ondurik zegoela igarri zuen, eta aukera bikain hura galdu behar ez zuela; baiñan, aurrera jotzeko eta aurrera ez jotzeko asmoek, habailla izugarrian alkarri jarraiki, ozilazioa huts bihurtu ziran, eta Pierre'k ezin bide zezakean kinkatik aurrera egin. —Oso damutua? —moztu zuen Pierre'k, haur errugabe batek galdetuko lukean koittautasunez, eta abots-hari fin-fin batez. Elsa bildurtu egin zan: —Ez gauzak har, arren, behar ez diran aldetik. Zuri gau hartan esana damu dut. Hau da dana. «Aurrera jo zak», pentsatu zuen Pierre'k halere. «Emakumeak eman behar dik ezetza, ez gizasemeak»... —Nik neuk ere ba nuke nere aldetik esatekorik asko... Noiz hitzegingo dugu? Patxaran eta leku goxoren batean... Ez zuen Pierre'k ulertzen hitz ausarta haiek nola esan zituen: esan ondoren, esandakoa neurtu nahi zuen; baiñan ez zan gauza arestian esandako hitz haietxek gogoratzeko, ikarak ezabatu balitu bezela. Esankizuna, dana dala, esanik zegoen. —Nahi duzunean —erantzun zuen Elsa'k hozki, Pierre guztiz harrituz. —Baiñan, arren, zentzua atxiki ezazu: ikusazu nigan adiskide bat, ez besterik. Zure egoera, bestalde, ez da nerea baiña zalantzakoagoa. Uste dut nik... oso elizkoia ez izanik ere. Hitz hauek atsekabeak izan zitzaizkion Pierre'ri; eta, bihotz ondoan, ziñez esaten ez zituela siñistu nahi zuen: —Emakumeak beti itxura apaindu nahiz... Elsa'k, ordea, egiazki esan zituen hitzak oro, maitasun giroari uko egiten baitzion gero eta nabarmenkiago. Zerbait errepikatzeko gogoa etorri zitzaion Pierre'ri: apezgoari erabat uztera deliberatua zala, eta halakorik; baiñan ez zan ausartu. Alkar ikusteko proposamenduari baietz esan zion ezkero, ez zuen Pierre'k, bada-ezpada ere, ezer erantsi nahi, ezer koloka jarri nahi, ezer ikutu nahi, hitz batez. —Danaz mintzatuko gera, Elsa. Gauza asko kondatuko dizut, asko. Larunbat arratsaldean, beraz? Zer deritzazu? —galdetu zion Elsa'ri, pozkario kezkatsu hura ezin izkutaturik. —Ongi da. «Taverne du Parc»eko izkiñan, esate baterako. Ba dakizu nun dan, nere etxearen ondoan, Pâquerettes-kaleko muturrean. —Hantxe izango nauzu. Bostetan? —Bai; eta milla esker, berriz ere, zure opariarengatik. Gaur berean zure osagarrira dastatuko dut ttantta bat nere gela bakartian. Hitz hauek zorrozki ziztatu zuten Pierre'ren barnea, baiñan ez zuen azkenean ezer erantzun: «nere gela bakartian»... Bestetan baiño azkarkiago jetxi zituen eskallerak; eta, kaletik zijoalarik, gauza batez ohartu zan: etxe hormetatik urrunago zijoala: bestetan zokotik joan nahi bide zuen, bere burua nabarmentzeko bildurrak edo. Asteazken argitsu hartan, berriz, urrats luzeagoak egiten zituen, bere ibillera ariñagoa eta zaluagoa zan, orpoez ausarkiago zapaltzen bide zuen ezpaloia, irribarrea eztitsuago eta ugariago agertzen bide zan bere musuan, eta hiritar ez-ezagunak harrokeriaz begiratzen zituen, aberatsek festarakoan txiroak begiratu ohi dituzten eran-edo: «gizajook», zion berekiko eta segurantzia osoan. Eta kupidaz irakurtzen zuen aurpegi haietan aspertasun etsia. Gazteago antzeman zuen Pierre'k bere burua, hamar edo hamabost urtez gazteago. Hogei urtetako neska-mutillak kidetzat zeuzkan usterik gutxienean, eta ondo ulertzeko gauza zala uste zuen. Halako batez, hogei ta hamabost bat urtetako gizon dotore bat igaro zan ondotik: —Eta hik zer? —otu zitzaion Pierre'ri. —Maite dukana ikustekotan jantzi ote haiz horren apain? Ez nik uste! Noiz ezkero ez duk, gizajo horrek, maitetasun berriaren ezti zoragarri hau dastatu? Eta mespretxuz so egiñez, ahapeka erantsi zuen: —Urriki natzaik, motel! «Hiru egun», zion berekiko, «Zein diran Iuzeak maiteminduta dagoenaren zai egunak!». Bi irudik kentzen zioten logalea oherakoan, eta zorion hutsez. Batean Elsa'ren begiradaz gogoratzen zan, eta gelako illunpe hartantxe begiztatuko balu bezin garbiki gozatzen zuen. Eta beste batean, irudimen sukartsuan beti, Elsa'ren esku legun hotza hartzen zuen, eta hestutzen eta laztantzen. Zoriona eta estasia halako momentuz osatu behar dirala antzematen zuen. Eta sakonki miresten zuen Bertrand Russell'en iritzia: «I have sought love, first, because it brings ecstasy — ecstasy so great that I would often have sacrificed all the rest of life for a few hours of this joy»... —Olerkariek begiramendua erdi galdurik duten gure garai teknikoi huntan, on da filosofoak era argitsu hortara mintzatzea! Ez zuen Pierre'k maitasuna guztiz dastatua. Baiña jai-aurre koloretsu hartan Russell'ek egia osoa zukeala somatzen zuen. * * * Asteazken eta ostegunean ederra izan zan eguraldia. Ostiralean, ordea, Mendebaldetik hondatzen hasi zan; eta arratsaldeko bostetarako goibel zegoen zerua, eta haizeak heze-usaia hartu zuen. —Lan egiteko eguzki ederra izan dugu, bai; baiña larunbata gertu dagoen ezkero, kitto: lañotu eta euria. Horra legea! Beti bat! Ez zekien Elsa'k zergatik zan; baiña buruko min haundia jarri zitzaion bazkalondotik. Astea, egia esateko, ez zuen lantsu izan. Aste-bukaerak berak, ordea, ez ote zituen bere larrimiña, bere bakardade-oiñazea, bere eginkizunik eza, zuzpertzen? Baietz zirudien. Astegunetan barrena alai xamar egoten zan Elsa, nahiz bere lana aspergarria izan; ostiraletan, ordea, gero eta maizago egon ohi zan zaputz, zital, illun, higuinduta; eta buruko miñez ez gutxitan. Zuzenean joan zan etxera. Josaphat'eko hosto-zurrumurruak euria iragartzen zuen. Sartu bezin laister, «Aspro» bat hartu zuen esne apur batekin. «Mimu» ondora zitzaionean, sekulan baiño azkarkiago baztertu zuen bere bidetik; eta ohe ondoan estropozo egitean, katua berriz uxatuz, eta hitz itsusi zantarrez ixillunea lardazkatuz. Irratia piztu zuen, oso goratik; eta ez zuen bere gogokorik ezer aurkitu: —Berrien garaia da, bai... Ezagun da: bla, bla, bla, bla. Beti berriketan! Noiz arte? Eta irratia itzaldu zuen. Frigoan begiratu eta ez zuen ezer jangarririk aurkitu: urdai-azpiko xerra haiek ikutu aurretik ere asetuta utzi bide zuten; «petits suisses» dalakoak, yogurtak, basurde-burukiak, dana (eta ba zegoen denetarik...) gogaikarri zitzaion. Arrats hartarako behar zuen litxarreria ez zuen aurkitzen: jangartsu zegoen oso, eta platano bakar bat «afaldu» zuen. —Eta bihar larunbata! Berriz larunbata! Beti larunbata! Irratia berriz piztu zuen; eta hiru miñutuz alde batera eta bestera alperrik jiratu ondoren, dantza-musika ematen zuen hedakin bat entzunarazi zuen oso goratik. Estali egin nahi zuen ixiltasuna, estali egin behar zuen egiazki. Ispillura joan zan, eta zimur berri bat topatu zuen bekokian. Hurbillago zan ispillura, eta zoritxarrez egia zan: zimur berri baten hildo xume axal bat hantxe zan agiri. Soiñekoa kendu zuen, eta era berean zapata marroiak, sedazko galtzerdiak eta gonagontza arrosa; eta, bi pieza soilletan, berriz joan zan ispillu aurrera. Saihetsetik eta aurrez-aurretik begiratu zuen bere burua, behin eta berriz, orpoak altxatuz eta altxa gabe; eta oraindik ere gorputz hura desiratzeko moduan zegoela iruditu zitzaion. Baiña bere pozak laburki iraundu zuen, kiñu batek argiro adierazi zuenez. Pentsakor gelditu zan ixtante batzutan zehar: —Desiragarri... Eta, zer? Laztu egin zan. Galtzerdiak zorutik jasotzeko makurtu zanean, buruko min haundi hura tinko zirauela nabaitu zuen. Berriak berriz ere irratian: «...dans une embuscade cent trente deux vietcongs ont été mis hors de combat. Ceci constitue...» —Berriz ere Viet Nam! Aski! ! Eta irratia itzaldu zuen. —Ohera joatea onena! Ez dut besterik! Lo! Noiz betirako loan abiatuko? Kopetako zimur hura aztertu zuen hurbildik azkeneko aldiz, eta larru azala pittin bat tinkatu ezkero ezabatzen zala kausitu: «Gaitz erdi». Oheratu egin zan; eta, irratia berriz pizturik (zenbatgarren aldiz? ), azkeneko «Paris-Match» begiratzen hasi zan. Buruko miña ematzen ez, ordea, eta irratia eta gau-Ianpara itzaldu, eta lotan saiatu zan. Bederatziak... Hamarrak... Eta ezin loak har. Ohetik jaiki zan, eta termometroa jarri zuen galtzarbean: 38,1. «Ba nengoen bada ni», pentsatu zuen; eta berriz ohera zan, beste «Aspro» bat hartuz. Eta biharamuneko adiaz hasi zan hausnartzen: —Bihar bostetan... Meunier jauna... Meunier apeza hobe, horko izkiñan nere zai... Zergatik esan ote nion nik asteazkenean baietz? Zer egingo ote dugu biok bostak ezkeroztik, lau edo bost ordu luzez?... Zer egingo ote dugu, batez ere, izkutuan edo erdi-izkutuan ibilki? Hamar egun falta zaizkit, ez gehiago, nere hauzi madarikatu hori azkenean erabaki dedin: hau esan zidan De Riemaker'ek aspaldian... Eta, azkeneko momentuan saltsaren bat billatuko ote dut, eta Luc'i aitzekiaren bat emango?... Hau ez, behintzat. Argi eta garbi azaltzea nahi dut nik, hain zuzen, ezkontza-haustea berak ekarri duela, Luc De Potter'ek, ez nik; Luc'en maitaleek, lotsa- gabekeriek, ankerkeriek eta lizunkeriek hortara gaituztela, ez nere arinkeriarik batek ere... Hauxe falta litzake: nik azken aste hauetan estakururen bat ematea! Gaueko hamaikak jo zuten. Logalerik batere ez Elsa'k. Ostiralero bezela «Bellergal» pare bat hartu beharko, edo gehiago; edo-ta «Bellergal» bat eta bi «Valium». Bestela ezin lorik egin. —Bihar bostetan... zertaz hitzegingo?... Zer egingo?... Nun sartuko?... Burugabekeria izan da nerea! Muzin batek salatu zuen bapatean Elsa'ren higuiña: —Ba dakit, bai, nola goza ditezkean amodio berriaren ordu luzeak, eta labur egin... Ez, ez, ez! Garbi ikusten zuen «ezetza». Nola presta, ordea, «ez» hura? «Meunier gizajoa», zion berekiko, «nabarmen dagoen maitemindurik: eskua neri ematean ez du besteek bezela egiten. Eskua luzatu egiten da ikaragarri nerea bilduz; eta maite ez nauten gizonek baiño gehixeago hestutzen dit bere ahur bero hortan. Hori nazka! Xehetasun ñimiño hauek ez dute zalantza izpirik uztea emakume baten adimenduan». Gorrototik, bestalde, eta mespretxutik (hasieran Elsa'k mespretxatu eta gorroto izan baitzuen Pierre, apeza eta gezurtia, biak batera, zalakoan), kupidara aldatu zan; eta gorako aklakuntza hunek majiña bat katramilla piztutzen zion bihotzean. Ez zuen, noski, Pierre maite; baiña, piskanaka, egindako itsuskerien ondorioz bere ustez, gorrotoari urrikia nagusitzen hasia zitzaion, garrazkeriari gozotasuna, gogorkeriari begikotasuna. Eta malda hartatik abiatu ezkero, nork finkatuko muga? Hots, Elsa'k ez zuen nahi. Ez zuen istillurik nahi. Ez zuen gizonekiko istillurik nahi batez ere. Buruari zegokionez, gizonen arazo hau ongi xamar zuzendu zuen: gizon guziengandik ahalik eta urrutienik (laguntasun «hotz»-etik atera bezin laister); eta ondo joan zitzaion ordurarte. Luc bakar bat aski eta gehiegi. Vanden Broeck bakar bat (Luc'en ondoren gaiñera...) aski eta sobera. Hirugarren bat iñolaz ere ez: nahiago hil! Haragiaren aldetik ere buru-haustea konponduta zeukan erdipurdi. Barekeria bakartitan atsedetea aspaldidanik bururatu zitzaion: bururatu, eta egiñez obratu. Luc'en hiruzur lotsagabeak gertatze berean eroria zan haietara lehenengo aldiz, arnasa gogotik lipar batez hartu nahiz; eta gero eta maizago ondoko urteetan. Haragi-atsegiñez hillarazi nahi zuen tristura bizi ezin zorrotzago hura; baiña haragiaz bestaldera joan ezin zitekeala laister ulertu zuen. Halere, hotzean, gizon baten berotasuna kilikagarriegi agertu bezin laister, teknika illun eta aitortu-eziñezko haietara ematen zan Elsa, eta sexoaren beharra bakarrean agortzen zuen, bihotzaren pakea alde hortatik bederen segurtatuz. Sendimenduaren deihadarra gelditzen zan bizirik, hau bai, ixillarazten zaillena; eta hunen frutua ziran Molière eta Pâquerettes kaleetako negarraldi luze etsi haiek, logaleak eta nekeak ez bestek geroenean iraungirik. Zergatik ez dana aitortuko emakume bati? Areago (eta ez zuen pentsatu ere nahi huntaz), behin edo bitan ez ote zuen nabaitu emakume harekiko gozotasun legun berri bat? Pierre'kiko senditzen ari zan kupida hura, beraz, buruko miñak eta eldarnioak azkartua noski, arrisku-bide gaitza eta galgarria iruditzen zitzaion. Hauziaren gertua batetik, eta kupidaren emendatzea bestetik, bildurgarri agertzen zitzaizkion. Eta biharamunerako adiara ez agertzea erabaki zuen: «hobe da, bai, batez beste, bihar ez agertzea». Biharamunean, hortaz, Jemappes'era joatea erabaki zuen. Aste-bukaera hura gurasoekin pasa (bi hillabete hartan ez ikusiak hauek), eta astelehenean... lanera berriz: —Tunelera! Argi-printzarik ez, baiñan aurrera jo behar, aurrera ekin behar... Irakasle guziek diotenez, oso umore onean egoten naiz ni beti, beti trenpuan omen, iñolako aldarterik gabe, beti irribarrez. Zein zoriontsua naizen!... De Rijke'eneko bezeroek gauza berbera zioten. Ikasguan batzuk esaten dizkidaten lotsagabekeriak entzunaz, bestalde, ba dakit nitzaz zer deritzaten: ohe batetik bestera aldatzen naizela egunero atsegin billa; eta ni billuzik eskuratzea, iraupen kontu hutsa dala... Hau komeria! Hortatik ageri zait ere danak daudela etsipenetik honuntz; alegia, helburuak lorkizun dituztela, obrakizun, eta ez obraturik... Koittauak! Ez dakite munduaz eta zorionaz ezertxo ere! Pierre'ren nahigabeaz gogoratu zan, eta min haundia eman zion bere ezetzak biharamunean jasan behar zuenak: —Meunier haur bat da gizajoa! Ez du iñoiz nere egoera ulertuko! Baiñan urrikialdia eten zuen zakarki, eta Jemappes'erako asmoari atxiki zion indar guziez, eragozpen guziei ez-ikusi itsua egiñez. Euri tanten zurrumurruan gaillen, hamabietako kanpai-hotsak entzun ziran: —Berriz ere gauerdi, eta ni esnai! XXV Larunbatean oso goiz esnatu zan Pierre; eta, iruditu zitzaionez, erdi lozorroan baizik ez zuen gaua igaro. Erdi esnai erdi ametsetan, Elsa'ren irudia eten gabe ikusia uste zuen, eta Elsa'ren abotsa behin eta berriz entzuna; eta irribarrea azaldu zan Pierre'ren musura. «Ametsetan bederen nere ondoan izan dut», pentsatu zuen; eta pentsamendu hunek bizkortu egin zuen. Telepatia ez zuen ordurarte iñoiz seriotan hartu; baiña goizabar artan, barne-mogida batek hartaraturik, ametsen ordaintasunean siñisten zuela esan zitekean. Alegia, era berean, Elsa'k ez ote zuen bera ere ametsetan ikusi? Leihoa zabaldu zuen: egunsentia ezari-ezarian argitzen hasia zan; eta egun-argia kale bakartiaz nagusitu ala, euriaren erasi segail apala eten, eta atertu egin zuen. Aidea apel. Zeruan zenbait hostarte agertu zan, gero eta zabalago, gero eta urdiñago ere bai, goietan ixillik bidari. Eta ederrago iruditu zitzaion Pierre'ri zerua hostarte haietan somaturik, hozkarbi betean baiño. Betetasunari buruz bildur zala nabaitu zuen, hostarteek idarokitzen zioten urdin-apurra ederrago eta aratzago eta sakonago bailitzan. «Egia ote da funtsean, atsegiñak betikotasuna behar duela?»« Egunsenti hartan zerura begira zegoelarik ez zuen uste; eta Nietzsche'ren iritzia ez zuen onartu. Bertago somatu uste zuen Simone de Beauvoir'en ideia ezaguna: «Betikotasunak ez du usaiñik». Hostarteak nahiago. Lanean saiatu zan, baiña behin eta berriz barreiatzen zitzaion arreta. Tema bakar bat zan bere barnearen jabe, ordu bat, adia-leku bat: arratsaldeko bostetan, Josaphat-Parke'ko hegian. Horra hor bizi guzian baiño areago desiratzen zuen momentua. Azken euri-erauntsiaren ondoren irtetzea erabaki zuen Pierre'k. Burua gorago altxatzen zuen bestetan baiño, eta ezpaloiean egokitu zitzaion legar koxkor bati ostiko bat eman zion konturatu orduko. Piska bat lotsatu zan, bere adiñean hortara jokatzea egokia ez zalakoan. Apaiza zan aldetik ere, burutazio berbera izan zuen, baiñan oso laburzki: apezgoa uzteko delibero irmoaz gogoratu zan, eta gaiñetik zama eskerga bat kendu zuela pentsatu zuen. Eta bihotzaren erditik poztu zan bere fedea arras galdua zuela erreparatzean. «Ziñez diot: orain jaio naiz», esan zuen. «Les Fagnes»-jatetxean bazkaltzerakoan, jangartsu topatu zuen bete burua: esteak tinkaturik bide zeuden, sabel-kezka harrigarri batek jorik bezela. Eta platerak ia osorik bihurtu zituen atzera. «Siñistu-eziña», zion betekiko. Erlojua behin eta berriz begiratu, eta aldameneko gizon batek berari so antzeman zuenean, lotsaldi labur bat izan zuen Pierre'k: gutxienez zortzi aldiz ikusia zuen ordua bazkarian barrena. Lau t'erdietarako Azalees-kalean zegoen. Euri-jasa labur baten ondoren, berriz ateri. —Ordu erdi bat oraindik! Eta Josaphat-Parkearen aldera jo zuen. Eguzkirik ez, lurra berriki bustia itxuraz, belardiak blai, kioskoa hutsik, aulkiak tolosturik; eta zugaitzen artetik Lambermont'etikako burrundara koloregabea, ixiltasunaren lardazkatzaille. Parke hartan gutxitan izana zan Pierre, baiña bereziki maite zuela antzeman zuen: Josaphat-Parkean, eta hau betirako, Elsa'ren parkea izango zan; eta hunek ez bestek emango zion betirako olerki kutsu paregabe hura. Bostak bost gutxiagotan «Taverne du Parc» dalakoaren burni-aterpe zahar erdoituaren azpitik jo zuen ezkerretara, Pâquerettes-kalean gora. Azaldu eziñezko barne-zorion bete hura zein girotan nabaitzen ari zan ez zitzaion ahaztuko: —Egia du Julien Green'ek: biziaren une bereziak xehetasun guziez itsasten dira gugan. Arratsalde huntako miñutu huni dagokion guzi-guzia ezabatu eziña izango da nigan. Ziur naiz. Miñutuak nekez igarotzen ziran, eta Elsa'ren aztarnarik ez. «Glacier Cocozza»ren berebil zuria atzera eta aurrera ikusi zuen. Denbora joan ala, bizia bera zijoakiola nabaitu uste zuen Pierre'k, itxaropen-hostartea lañotzen zitzaiola, eta bizkorraldia itzurtzen; eta iñoiz sendi ez zuen etsialdi mota lazgarri bat nagusitzen. Bost et'erdiak... Eta Elsa azaldu ez. Ateri. Zeru goibelean hostarte batzuk. Eguzkierrea. Azken euri-jasa arestian gertaturik. Giro epela eta hezea. Haize balarik ez. Egia somatu zuen Pierre'k, nola ez: Elsa ez zan azalduko. Baiñan ezin etsi zezakean, ezin: osotara eziña zitzaion gertaera hura gainditzea. —Luzeago itxarotea, zertarako? Ez da etorriko... Ezin joan, halere... Noiz arte, ordea? Hemen jarraitzea ez da ona: nere burua salatzen ari naiz, Elsa'ren aurrean ahultzen... Joan, ordea, nora?... Nora joango ni?... Berdez jantzitako emakume batek alperrik azkartu zituen Pierre'ren bihotz-taupadak: urrundik ikusirik Elsa zala burura zitekean, nahiz haren ibillera pausatuago iruditu Elsa'rena baiño. Tinbrea jo zuen: behin, eta bitan, eta hirutan... Erantzunik ez. Persiana jetxita zegoen; baiñan ez guztiz. Leihoaren azpiko zabalgune hartatik, halere, ez zan barnekorik ezer ikusten. Eta Pierre'k ikusi egin nahi zuen... Persiana ez zan errara gelditua: oker zegoen, jeixterakoan kokatu izan balitz bezela: zirudienez Elsa'ren etxea zaharrakaturik eta abandonaturik agertzen zan. Eta Pierre'ren erraiak berak tristatu ziran: —Madarikatua izan bedi De Potter! Atariko ixillaldi etsi hartan argi-izpi bakar bat lortu zuen Pierre'k: eskubialdean, tinbre-botoien parean, bi izen izkiriaturik: goikoan «R. Laurent», irakurri zuen, eta behera segi zuen begiez. Beherekoan, sukarrak harturik, behin eta berriz irakurri zuen: «Elsa Scheelen»... «Elsa Scheelen»... «Elsa Scheelen»... Laugarren aldiz deitu zuen. Eta huntakoan, emakume-abots batek erantzun zion goiko leihotik. Pierre halere ez zan laztu, Elsa'ren abotsa ez baitzan hura. —Arratsalde on, jauna —zion goiko abotsak—. Scheelen andrea ez da etxen. Zer nahi zenuen? Ille narratxa eta zurdiña, aurpegia zimurrez betea: Laurent alarguna zan, bai, ez zan zalantzarik. Pierre'k ez zuen mespretxurik batere sendi harekiko, eta ez amorraziorik ere. Hain zuzen bekaizkeria apur bat bihotzera zitzaion, Elsa'ren ondoko norbaitekin mintzo zalako. Ez zuen, hitz batez, alargun bakar zoritxarreko bat ikusi, Berendia-alargun ez-ezaguna; Elsa'ren hauzokoa baizik. Ez zitzaion burutik pasa, azkenik, laugarren aldiz deitu zuela, eta hori zentzugabekeria zala; ez zuen bere burua farragarri atxeman, nahiz Elsa'ren ukoa eta aldegiña gauza nabarmena izan. —Arratsalde on, andrea. Scheelen andrearentzako mandatu bat ekarri dut, eta eman egin nahiko nioke. —Ez duzu etxen. Mons'a joan da, Jemappes'era hobe, goizean; eta, joaterakoan gaztiatu didanez, bihar arratsa arte ez da bihurtuko. —Ez dizu besterik deus esan? —esan zuen Pierre'k lepoaren atzean miña nabaitzen hasten zalarik, eta bihotzondoan hutsa. —Ez, ez... Ba dakizu beharbada: gurasoak Mons'en ditu, eta askotan joan ohi da hara aste-bukaera igarotzera. Azken hillabeteetan ez dut uste. Gisakoa da, beraz, joatea. Alperrik duzu itxarotea: ez da hemen. —Milla esker, andrea... Milla esker. Laurent alargunak ba zekien, noski, Pierre'k jakin nahi zuen gorabehera asko; zalantzarik ez. Nola galdetuko, ordea? Zer dala-ta galdetuko? Zergatik azalduko Laurent atso zahar itsusi harek? Ez zuen ekin Pierre'k, beraz, eta joan egin zan. Pâquerettes-kalean behera abiatu zan, aldapak berak bultzaturik; eta aldapa hura gaitza iruditu zitzaion. Belaun koxkorrak minberatu egin bide zitzaizkion itxaropenik gabe jetxi behar doillor hartan. Azalées-kalearen galtzara gurutzatu, eta parkearen aldeko ezpaloiean zalantzan egon zan bizpahiru miñutuz: ez bi jokabideren artetik bat aukeratu beharrez, ez; hutsune eta noragabe osoan baizik. Azkenean, erraietaraiño gogaituta, kioskoaren aldera jo zuen, bidexkatik berriz jetxiaz. Ordu erdi bat lehenago ikusitako parkea suntsitua bide zan! Oihenart naparrarekin gogoz esango zukean Meunier flamendarrak kinka hartan: «Hiltzea gaitz da; gaitzago bana maite uken, eta ez maite izana»... Gudroiezko zorua legor zegoen puntu askotan; baiña, beste askotan, euri zetek beltzago agerrerazten zuten. Zugaitz adarretatik, bakanka, tanto lodiak lehertzen ziran bidexkan, huntan musika-nota mutuak entzunaraziz eta pikor borobillak agerreraziz. Ezkerretako zingiran, behere illunean beraz, buru berdeko antzarak eta beltxarga zuri-zuriak ikusi zituen: igeri, urezko ispilluan igeri, oso polliki higitzen ziralarik, giroaren ixiltasunaren eta gelditasunaren sorkari gisa. —Elsa! —esan zuen soillik, eta ukabillak bortizki hestutuz—. Neure gaiñean erori azkenean ezbehar gaitz hau! Euriaren ondoko olerkitasuna lehenengo aldiz dastatzen bide zuen; eta olerkimena eta malenkonia gauza bakar bat zirala ohartu zuen. Etsipen gozo hartan, bakardade bete hartan, antziñako absolutu-egarri huraxe ezagutu zuen. Eta asaldatu egin zan. Beherago joan zan, belar hezearen usain sarkorra hatsartuz. Bide ertzean, hezetasunak lizundurik, harrizko imajiña bat topatu zuen: «Henry Weyts, compositeur»... Nor ote zan? Ez zuen izen hura iñoiz entzun: —Soiñu atsegiñak sortu, eta gerora... lizuna imajiña hotz bakarti ez-ezagun batean! Ahaztua izan behar hau: heriotza baiño gogorragoa... «Maite ukan eta ez maite izana»... Aulkiak bildurik, eta «laiterie» zuri zaharraren ateak hetsirik ikustean, kezkatu egin zan: —Berandu azaldu ote naiz ni munduko festara? Elsa ez zan neskatilla gazte bat, ezta Pierre mutiko bat ere egia esateko. Ordurarte ez zan behin ere adin-kontuengatik kezkatu. Eta bapatean bai, errotik: —Beranduegi iritxi ote naiz ni biziaren jaietara? Hogei-ta-hamabi urte gehiegi ote dira gizaseme batentzako? Elsa'k bestalde hogei-ta-hamar ditu; baiñan orain dala bederatzi ezagutu zituen eztaiaren gorabeherak. Ni baiño zaharrago da beraz. Bildurik aurkituko ote ditut nik, beraz, hemen bezela, biziaren oturuntzako aulkiak, eta hetsita ote bazkaldegia? Ene! Laztu egin zan. Hasarrea gora zijoan, era berean, Pierre'ren ariman. Eta ahapeka esan zuen, ezintasun guzizkoan: —Madarikatua izan bedi Apezgaitegira eraman ninduen abotsa! Han ehortzi dut nik nere burua! Eta geroxeago eta ez hain ahapeka: —Madarikatua izan bedi abotsaren Esalea! Madarikatua izan bedi... Ixildu egin zan. Birauaren haundiaz ohartze berean koldartu egin zan. Eta, lehen baiño etsiago erantsi: —Ez dut, beraz, fedea galdu... Galdua naiz beraz! Nere gaiñetik kendua uste nuen zama, hortxe dut, tinko. Ez naiz libro. Madarikatzen duen gizona ez da bere buruaren jabe, madarikatzeko beharra nabaitzen baitu. Eta biraua lotura bat desegiteko premia hertsiaren seme baita. Birau egiteko Jaungoikoarengan siñistu behar da. Herio-suhar ausart hura, halere, igarokorra izan zan. Eta bereala bide hestuago eta illunago agertu ala, zingiren arteko latsaren zurrumurrua entzuten hasi ala, behereko zugaitz-hostoen hurbiltasuna nabarmendu ala, malenkonia hutsak bete zuen, gainditu egin zuen egia esateko. Denen kontra eta bere buruaren kontra, mendekatu beharra baizik ez zuen senditzen barruan: mendekatu egin behar bere zorigaitza, bai: ordituz, haragikeriara emanez, nola edo hala. Ifernu hartatik irten behar. Poltsikutik toxa atera zuen: 630 libera. Ba zekien Elsa'ren billa etorri aurretik. Zenbaturik zeukan hain zuzen. Ezin ezer egin alde askotatik beraz... —Txiroak ez du ezta hiltzeko eskubiderik! Nola izango luke ezertarako aukerarik? Aberats eta dirudun guziak, guziak bai, ifernuan ikusteko itxaropena izan nuen urte batzutan. Orain ezta itxaropen hori ere! Jesukristo'k madarikatu egin zituen aberatsak; eta ez dakit ez ote dan hau Ebanjelioan maiteen nuen hitza! Exeri egin zan Josaphat'eko aulki batean. Liburu bat eskuetan, eta irakurtzen ari, gazte mardul bat igaro zan. Pierre'k begiradaz jarraitu; eta zingirara irixtean, beltxargei so ikusi zuen: —Beste olerkari bat! Gizajoa! Toxa berriz atera zuen poltsikutik, eta hitzetik hortzera begiratu ondoren, diruketa berbera zenbatu zuen: 500 liberatako txartel bat, 50-tako beste orixka bat, eta lau 20-tako berde. Besterik ez iñun. Alperrik ekitea. —Guzira 630. Ez dago dudarik... Zer egin dezaket nik? Eta bihar 28, etzi 29, eta 30, eta 31... Ondo jaioa natxegok! Olerkia bera ere beltzago egiten da hillabeteetako bukaeran! Zein burgesek siñistuko? Oiñaze-kiñu bat egin zuen bapatean: —Ez! Ez! Hori ez!... Egia da: gau hartakoa milla libera izan zan; eta ostatuko gela beste berrehun... eta hara joan aurreko bina whisky-ak beste hirurehun bat... Hori zan, bai: milla-ta-bostehun bat izan ziran... Eta, zertarako? Bi urte joan dira. Geroztik ez naiz iñoiz pasa kale hartatik. Ez nintzakean gauza izango... Linkebeek'era etorria nintzan Lieja'tik aste-bukaera igarotzera. Eta Camilo Torres'i buruzko hitzaldi bat egokitu zitzaidan, Brusela'n emana. Hizlari: Fontaine apeza, Bolivia eta Colombia'tik itzuli berria. Hitzaldia entzun ala, nere odola irakiten abiatzen zitzaidala nabaitu nuen: ez maitasunez, ez Torres'ekiko kupidaz, ez mistikarako gogoz, ez. Ameriketako Elizaren kontrako gorroto bizia sortu zan nigan, iñoiz baiño bortitzagoa. Bapatean Jean Ghislain'ek eta komunista lankideek behin eta berriz esaten zidatena jabetu zan nere gogoeta nahasien artetik. Fontaine hizlariaren hitzen artetik gaillen, hainbestetan entzunak zetozkidan goratik: «Erlijioa alienazio hutsa duk... Eliza alukita-zulo bat besterik ez duk... Apezpikuak burgesiaren morroiak dituk... Klase-burruka duk Elizaren dialektikaren kakoa...». Zirrara lazgarri bat nabaitu nuen; eta zirrara haren funtsa huntara bil zitekean: «Pierre: zozoarena ari haiz egiten. Uxtia zak mundua bederen!». Hitzaldian, ni bezela entzule, lagun batzuk ikusi nituen; eta ez topatzekotan, eztabaida hasi bezin laister aldegin nuen bil-lekutik. «Orain arte siñistu dudan guzia ipuin hutsa da», nion nerekiko, eta jasan eziñezko pixua kokatu zitzaidan gaiñean. «Oker ote naiz, beraz?», pentsau nuen... Dirua ba nuen: bi astetako soldata kobratu berria nuen. «Zergatik ez munduaz dastatuko? Udaberri alai harek nigan piztutzen zuen itxaropena, zergatik berriz ere otoitz hotzetan itoko? Federik ez, eta zertarako desirkundeak hilduratuko eta, urtero bezela, kanpoko lorealdia barnean beltz illunean sakrifikatuko?... Arrats ederra zan. Rogier aldera jo nuen, bildurturik egia esateko. Zeren bildur? Haragiaren egiaren bildur ote? Ezin esan. Matheus, Marché, eta ondoko kalexka haietan gizon bakartiak ikusi nituen, behin eta berriz leiho beretatik pasatzen ari. Herabe nintzan ni, lotsa, gogait; eta denbora luzeegia ez nuen nere hartan igaro nahi. Zigarroa eskuan, aulki gorri borobil batean exerita, argi gorrixka hartan kilikagarriago, zuriz jantzitako emakume gazte batek irribarre egin zidan, eta eskuaz agurtu. Behar zan gizatasun-giroa antzeman uste izan nuen kiñu begiko xinple hartan; eta, nere kezka guziak garaiturik, eta higuiñak aihenaturik, sartu egin nintzan. Ez nekien zer esan. Brusela ezagutzen ez nuela esan nion, tratalaria nintzala, eta beste anitz gezur. Lotsagabe agertu nahi nuen, baiñan ez nintzan gauza: ageria zan, nik uste, ekintza-mota hartan ohiturarik batere ez nuela. «Oso ondo zaude gizon gisa, ba dakizu? Eta zure bizimodua oso interesgarria iruditzen zait», esan zidan besotik helduz. — «Topa zuri!». Eta klink egin zuten gure bi basoek. Guztiz galduta nintzan, ez zegoen zalantzarik... Lehenengo muzin atsekabe berbera egin zuen Pierre'k, eskubitara eta ezkerretara urduri begiratuz. —Ene!... Gelaz ez naiz ia ezer ere oroitzen: txikia zan, orixka oker ez banago; eta ohe hartan, oroitzen naizenez, ez zegoen maindirerik. «Hartarako» propio jarrita, ez da zalantzarik... Irribarre egin zuen, baiña laister berriz muzin-kiñada berbera agertu zan Pierre'ren begitartean. —...Nola ote zuen izena gaixoak? Ez dakit, ez naiz oroitzen. Ba nekien bolada batez, baiñan ahaztu egin zait; eta hau gaizki iruditzen zait. Lehenengo saialdia berak ezagutarazi baitzidan. Gelara ondotixek, aldez aurretik eskatu zidan dirua, eta gero erantzi egin giñan (erdizka baizik ez ni neu, egia esateko), eta bera maleziarik gabe eta lizunkeriarik batere gabe. Gure alkarrizketa hurria zan hartara orduko, ongi gogoratzen naiz huntaz; eta hortik aurrera hurriago eta hotzago. Espero nituen atsegin-giroa eta haragi-beharra, errotik lekutu ziran une hartan: itxurari zegokionez, neskato gazte baten aurrean gertatu bide nintzan usterik txikienean: abotsak eta sexoak ez bestek bizkortzen ninduten. Gorputz hura emakume baten gorputza izankizun zan beharbada, ez hartara heldua dana-dala... Eta igesari emateko gogoa nabaitu nuen... «Bi gaisto hauek ez dute hazi nahi izan», esan zidan, bi eskuez nolabait bere neskatilla-bularrak baliarazi nahiz. Oraindik ere goragalea sendi uste dut. Gajoa! Jaungoikoak berak zuzenean zigortu ninduela pentsatu nuen orduan, iñoiz baiño itsusiago eta hutsago agertu baitzitzaidan pekatua. Gaur, aldiz, emakume harek guztiz emakume-gorputza ez zuela baizik ez nuke pentsatuko, eta kontutan ez nuela hartu... Mekanika-saio bat izan bide zan gerokoa: atsegiña mekanikaren ondorio zirudien ohe hotz hartan zentzugabekeria hutsa! Ez berriz, iñolaz ere, horrelako batera lerra! Zin egin nuen, eta zin egingo nuke oraintxe berean: gorputzen hurbiltasunari arimen hurbiltasuna datxeko. Bata bestea gabe ez da zentzugabekeria eta hutsa baizik. Pekatu-iturri eta tentaldi baiño uxagarri eta ukabide ziurra iruditzen zait arrats hartako urratsa. Eroriko-mota hartatik behin eta betirako sendatu naizela iruditzen zait... Ia-ia izutu egin zan bere aurreko bidexkatik apaiz zahar bat igarotzen ikustean. Zergatik begiratu ote zion Pierre'ri era hartara? Murgilduta zegoen hau arras oroitzapen hits eta atsekabe haietan; eta agure harek ba bide zekien dana. Behar- bada apaiz gisa ezagutzen zuen? —Hura berriz ez! —ekin zion gogoetari—. Ez nau Elsa'ren ukoak iñolaz ere hartaratzen. Atsegiñaldi sakona beharko nuke gaur; eta hotzean ordaintzen eta mekanika modura lortzen dan atsegin-apurra ez da ez sakona eta ez ezer. Garratzago egingo luke nere etsipen guzizko hau. Neri dagokidanez, bederen, hauxe iruditzen zait egia: sendimendurik gabeko atsegiñik ez dago: sexoaren teknikak ipuiñak dira. Atsegiña arimak ematen du, ez gorputzak; eta hau baita haragikeriari buruz. Puta baten eskua esku bat da; baiñan Elsa'rena parabisuko ataria. Ezagutzen zuen emakume bat nahi zuen Pierre'k arrats hartarako. Nor, ordea? Elsa'z oroitzen zan eten gabe, baiña lazki baztertzen zuen oroitzapena. —Gaur, bederen, beste batengan nahi dut nere burua ematu. Asmoz behintzat hiruzur egiteko gogoa eta beharra nabaitzen ditut. Izkutuan lapurtutako atsegin labur horrek birrerosi egingo bide nau, salbatu egingo nau hein batean. Sei- rehun-eta-hogei-ta-hamar liberaz, ordea, zer egingo? Deus ez! Pekatu egitea bera aberatsen abantailla da! Kondenatzea bera ez dago txiroen eskuar: txiroek nahi-ta-nahiez zerura behar dute! Jaungoikoaren beraren hitza batetik, eta pekaturik ezin egitea bestetik... zer geldituko halakoei azkenean, ifernura eziñik, salbamenduaren ipuiñaren izurriteaz gain? Eta jaiki egin zan, eskubitara joaz: —Ez dira gauzak garaiz pentsatu ohi. Lieja'ra ez, baiña Emakume-Katolikoen Ekintzako kapellau izan behar nuen nik... Emakumeak ezagutzea zailla dan ezkero, mauka bat dira apez-lan horiek; eta nik garaiz erreparatu ez... Eta irribarre egin zuen. Irakurle ez-ezagun hura bezelaxe, Pierre ere beltxargei begira gelditu zan lipar batez; eta zingira paketsu batean beltxarga zuri geldi bat igeri baiño ikuskari olerkitsuagorik mundu huntan ez dagoela siñistu zuen. Edertasunari sustraiez josirik, berriz, Elsa'ren oroitzapena zetorkion: Elsa'ren begirada berriz islatzen zan aurrean, zingiraren ispilluan; Elsa'ren besoa heldu uste zuen zorionik bizienean bidexka illun haietatik ixilka biak pasean; Elsa'ren algara alaiak entzun uste zituen ur-xirriparen erasian gaillen... Eta malenkonia eder eta epel hari uko egiñik, alde egin zuen bere burutik, iges egin zuen egia esateko. Itsustasun egarria nabaitu zuen bapatean, Elsa'ren irudia ezainkeriaz estali nahirik; eta Schaerbeek'eko kaleetan barrena aurkitu zuen. Hegoaldean neonezko argiak piztutzen hasiak ziran, eta gosetu ere egin zala iruditu zitzaion: —Siñale ona! Etxera joan, ahalik eta dotoreen jantzi, anaiarentzako zan zorro hartako milla libera haiek hartu, eta Brouckère-enparantzara jetxi zan. Zortzi t'erdiak. Sexo-mentura bat lortzera osoki deliberatua zan Pierre. Anitz pekatari aitortu ondoren (ez aspaldidanik halere, egia esateko) ba zekien Pierre'k haragikeriari buruz zerbait. Baiña katalogo batean ikus ditezkean salgaien gisa: haragien pekatuen lerrokada oso bat errazki eman zezakean. Baiñan ia haur bat bezin garbia zan funtsean. Rogier-aldera jo beharrean, «kabaret»en batera jotzea hobe zala bururatu zitzaion. Zergatik hobe? Gauza bakar batengatik: Pierre'k emakume bat nahi zuen, ez gorputz eme huts bat. Kabaretetan, iruditzen zitzaionez, «gizatar»ago izango zan gertakizuna: alegia, luzaz hitzegin mahain batean edo barrean «adiskidesa» berriarekin, arimen arteko hurbiltasuna hein batean bederen lortu, eta gero, uste zuen bederen, mekanikeriari gizatar nahikunde bat nagusituko zitzaion. Ipar-aldera jo beharrean, hitz batez, Van der Elst, Cirque, eta Fleurs-kaleen aldera jo zuen. Koloreetako argiak pizturik zeuden, eta barretako atarietan emakume nabarmen batzuk ikusi zituen. Antziñako barne-kezka hura nagusitzen hasi zitzaion; eta, hartan zegoelarik, ginbailladun gizon batek geldiarazi zuen besotik, begiaz kiñu bat egiñez: —Gazte hori: primerakoa duzu hau. Laister hasiko da «strip-tease»a. Neuk aginduta, jauna: danak zoragarriak! Horiek gorputzak! Benetan! Ez hori bakarrik. Hara... Besotik heldu zuen Pierre. Kapeloaren hegalean, urraidezko letratan, hau irakurri zuen hunek: «Chez Mimmy». Atea erdi zabalik zegoen; eta barrean, argi gorritan murgildurik, emakume gazte bat somatu zuen, gonak motz, besoak agerian, orrazkera gora, baso huts bat bere aurrean, eta zigarro bat eskuan. —Ikusten duzu hori? Oso atsegiña da. Ziur egon zaitez: bukatzean, nahi duzun lekura eraman ahal izango duzu. Ulertzen duzu? Suzanne deritza. Suzanne dalakoak eskuaz agurtu zituen barnetik. Siñistu egin behar zuen Pierre'k; eta agur irribarretsu harek, bi urtez lehenago beste batek bezelaxe, hunkitu egin zuen barrenean: hartu-eman gizatar bat iragarri bide zuen. —Baia? —galdetu zuen, erantzunaren zai egon gabe. —Bai, jauna. Ez zaizu damutuko. Sartu egin zan Pierre Meunier. Gela haundia zan, luze xamarra, apaingarriz betea, lurrean alfonbra gorriz ornitua, eta atzekaldean mahain batzuk. Bezeroak ez bide ziran etortzen hasiak; bederatzi t'erdiak, irakurri zuen erlojuan. Barrean Suzanne ez-ezagun hura ikusi zuen; baiña zuzenean bere ondoan exeritzen ez zan ausartu. Barrurago, danak illunpe gorrixka hartan inguru bat egiñez, emakume mordo bat ikusi zuen: sei, zortzi, hamar; gehiegi, dana dala. —Zer nahi duzu, jauna? —galdetu zion barmanak, Pierre eta Suzanne'ren artean hiruzpalau metro ziralarik. Gizasemerik batere ez, barmanaz eta Pierre'z beraz kanpo. Txuri bat, otoi —esan zuen Pierre'k—. Eta «goizegi etorri naiz» pentsatu. Baso fin luze bat ekarri zion berealatik. Eta besterik gabe salneurria entzun zuen: —Larogei libera, jauna. Zerbitzurik gabe, noski. Kolpe latz bat izan hau Pierre'rentzat; baiñan ixildu egin zan, jakiña, eta bere izua ahalik ongienik izkutatu. Ehun liberatako txartel bat eman zion, eta hamar libera baizik ez zuen sakeleratu: —Habailla ederra, alajainkoa! Aberatsen kontrako gogoetak alkargainka zetozkion bere barruan; baiñan alde batera uzten saiatzen zan: —Gaur pentsatu gabe funditu behar duk burua, motel. Jai daukak bestela! Utz moralkeriak alde batera! Ezin izango zuela ba zekien, baiña axolagabekeria osoa behar zuen gau haragikoi hartan. Hamarreko mordo hartatik berezirik, hogei-ta-hamabost bat urtetako emakume zabar bat ondoratu zitzaion. Ofizioaren ezagugarri guziak topatu zituen Pierre'k: ezpaiñak gorriegi eta koipetsuegi, illea diztiranteegi, begiak beltzegi, urriña gozoegi, haragiz gizenegi, abotsez lakarregi, jazkeraz nabarmenegi, hizkeraz azkenik ausartegi. Gehiegikeria guziak batera, eta emakumetasunaren arrastorik ez. Likiskeria saltzaille bat. —Gabon, adiskide. Zertara gomitatzen nauzu? Whisky'ren bat? —galdetu zion Pierre'ri, ondoko aulki luze hestuan exeritzean iztar zurixka lodi lazen erdia erakutsiz. —Gabon, bai. Sartu berria naiz. Utz nazazu, beraz, pittin bat dana ikustera —emakume hari «ez» esateko era egokiagorik ez bururatuta. —Ez zera oso atsegiña nerekin. —Sartu berria naiz —ekin zuen Pierre'k— eta ikusi egin nahi dut lehendabizi. —Ikusi... ikusi... Gure jauntxoak bertako kabala, bertako azienda, ikusi behar du aurrenik. Ez da hala? Azokan bezela! Eta guztiz higuindurik mordo hartako bere lagunetera bildu zan. Lehenengo bere larrialdi hura gaindituta gero, lasaitxoago gelditu zan Pierre: «Bakarrik!», pentsatu zuen. Emakume-talde hartara begiratu zuen, eta argi epel gorrixka hartan bederen puta-itxura antzeman zien ia danai, eta gogaituta edan zuen ardo-zurrutadatxo bat. Igesari emateko gogoa etorri zitzaion, bi urte lehenago bere ohaidea erantzi zanean bezelaxe; baiñan iges egin, nora? Saiatu aurretik potto egingo ote zuen? Suzanne izeneko hura ez zitzaion «ofezio»koa iruditzen; eta bezeroren bat sar, eta aurrera zekion bildur, mintzatzen saiatzera ausartu zan. —Gabon, Suzanne. —Gabon. Nork esan dizu nere izena? Ez dut uste gaur baiño lehenago hemen ikusi zaitudanik. —Kanpoko zuen aingeru zaindariak salatu dit. —«Aingeru zaindaria» esan duzu? Hemen ez dago gutzaz kanpoko zaindaririk; eta aingerurik... Emakumeen mordora begiratu zuen Suzanne'k, eta hau erantsi: —Horra hor hemengo «aingeruak». Ez dut ezer ez asmatzen eta ez hanpatzen: «Tu es un ange» hitzak maiz entzun dituzte pareta hauek... Hitz desegokiak esan zituela iruditu zitzaion Pierre'ri: zalantzarik gabe ez zan giro haietan «usatua», eta ezagun zan. Gizon dotore barnekoi bat sartu zan, eta barraren muturrera joan zan iñora begiratu gabe; eta azken aulkian exerita, barne-hausnarketa sakonetan ari izango bailitzan paratu zan, basoari begira. Gaueko erronda hasia zan. —Eta zuk nola duzu izena? Ustekabean harrapatu zuen Pierre galdera hunek. —Pierre deritzat neri. Esan orduko damutu egin zitzaion. Zer egin, ordea? «Egia esan beharraren ohitura zozo hau, seta burugabe hau hobe»... —Brusela'n bizi zera? —Ez, ez... Zera... Brusela'n nago egun batzutarako. Ni flandretarra naiz. —Hara! —erantzun zuen Suzanne'k—. Ni frantsesa naiz, Douai ondokoa. Ia-ia belgikarra, beraz. Hasierako hestuasuna gainditurik zegoen. Emakume atsegin batekin hizketan ari uste zuen Pierre'k. Elsa'ren oroitzapena bapatean bigarren maillara aldatua zirudien. —Zer hartuko dugu, Suzanne? —galdetu zuen Pierre'k—. Bien begiradak lehenengo aldiz gurutzatu ziran. Zenbat urte ote zuen Suzanne harek? —Xanpaña-botilla erdi bat bion artean? —Eta, hori zenbat da? —Pierre'k berealatik. —Jacques —esan zion Suzanne'k barmanari—. Emaiozu, arren, edarien lerrokada. —Bai, Simone. Burua galdua ote zuen bururatu zitzaion Pierre'ri. Salneurrien illara merketik galestirako irakur zitekean goitik beherakoan: ardo txuri baso batek, 80 libera; gorriak, 80 libera; beltzak, 80 libera; manzanillak, 100... xampaña'ren lerroak billatu zituen izuturik: botilla erdi batek, 650 libera; botilla osoak, 1.200 libera... —Ni ez naiz dirudun bat, Suzanne. Har ditzagun bi txuri. —Ai, ai —erantzun zuen Suzanne'k etorkor—. Beti bat. Beti omen zaudete gizonak moltsa tturrinduta, azken sosetan, azken txanponak xahutzeko bildurrak. —Ez da itxura. Dirurik ez dut. Nere kartera murritza dago. —Ehun-da-hirurogei libera, jauna —esan zuen barmanak—. Zerbitzuaz kanpo, noski. —Bai, jauna. Pittin bat galazten zuen Pierre segittuan ordaindu behar harek. Baiña Pierre'k siñistu egin nahi zuen gau hartan, eta irribarrez ekin zion alkarrizketari. Suzanne'k bere biziera azaldu ala (egiazkoa ala alegiazkoa izan, ia berdin bide zitzaion Pierre'ri lehenengo aldiz) emakume bat aurkitu uste zuen azkenean. Eta hunek bizkortu egiten zuen. —Ez duzia zigarrorik, Pierre? —galdetu zion Suzanne'k. —Ez. —Ez didazu paketetxo bat erosten? Xehetasun hunek ere galazi egin zuen Pierre: hauxe zan, somaturik ere, aurkitu nahi ez zuen merkatalgo-giroa: «Ez didazu hau ordaintzen? Ez didazu beste hori ordaintzen?». Gaitzi zitzaion egia itxurari nabarmentzea. Beste bi txuri aterarazi zituen. Gizasemeak etortzen hasiak ziran: horietatik batek emakume lerden eder kirru bat agurtu zuen sartzean, eta atzeko mahain izkutu batera eraman zuen, xanpaña botilla osoa zerbitzaraziz. —Milla ta berrehun, beraz, pentsatu zuen Pierre'k eskaera entzutean; eta berrehun bat eskupeko, milla ta lareun... Hasteko! Eta bezero ezaguna bide da hemen... Mundu hunek ez du soluziorik: hau garbi dago! Barru aldera begira jarri ziran Suzanne eta Pierre, barmanari bizkarra itzuliaz beraz. —Orain segidan, gaur gaueko ikuskizunari hastapena emateko, Linda Daveau! —altabozak iragarri zuen. Are illunago jarri zan dana, eta argi foko more batek zurbildurik, arabitar jazkeran, gelaren erdira azaldu zan Linda hura. Ez zuen Pierre'k «strip-tease»rik sekulan ikusi, eta hau nabari zedin bildur zan. —Oso ona da, ikusiko duzu —esan zion Suzanne'k—. Neska hau berria da kabaret huntan. Ba dakizu: oso denbora laburra egin ohi dugu denok lantoki hauetan. Maiz aldatzen gera batetik bestera. —Bai, bai —erantzun zuen Pierre'k burua itzuli gabe, eta gezurrezko segurantzia abotsari eman nahiz. Erazkera hura ez zitzaion Pierre'ri batere haragikoia izan. Mogida batzutan, bai, azkenekoetan egia aitortzeko, beroaldi berri bat nabaitu zuen bere zaiñetan, bazter berritara agertuko bailitzan; baiñan ez zan txoratu. Hunek lasaitu egin zuen, Suzanne'ren aurrean «ezagutzaille»aren jokoari ekin ahal izan ziolako; baiñan etsi ere bai, gau hartan haragiaren atsegiñak errotik eta osotara dastatzeko hirrika zuelako. —Dantza egin nahi duzu nerekin? —galdetu zion Suzanne'k, Linda'rena bukatutakoan. —Ez dakit egiten. —Tira, tira; danok esaten duzute gauza bera. Neuk erakutsiko dizut. Hemen, gaiñera, ez gera oso ye-ye; eta urrats bat batera eta bi bestera egin ezkero, egiña da. Pierre'k ez zuen ia iñoiz dantzarik egin. Egin zuen, bai, aspaldian, familiako bilkuretan, batez ere bi izeba zaharrekin. Zenbat denbora lehenago? Hamabost urte ote? Hemezortzi? Hor nunbait. Baiñan ezer esan ezkero guztiz galduta legokeala siñistuta, bihotza kikildurik erdira irten zan. Zorua beltza eta labaiña zan eskualde hartan. Eta, harrigarria, moldatzen zala iruditzen zitzaion. —Ikusten duzu? —zion Suzanne'k—. Txit ondo egiten duzu. Zu bezelako gizon batek hau jakin ez? Nori siñistaraziko zenioke halakorik? Ba nengoen ba ni! Ametsetan bezela entzun zituen Pierre'k hitz hauek, eta siñistu egin zituen. Eta bere dantzari-eskasia batez ere izkutatu nahirik, hestutu egin zuen Suzanne bere kontra. Hestutze berean Elsa'z oroitu zan bortizki; baiña Simone'k burutazio hura utzarazi zion segidan: —Zertan giñan beraz? —Zure fotoa, ia harroparik gabe diozunaz, «Le Soir»en orain dala bost hillabete agertu dala zenion, kabaret huntara etorri aurretixek beraz. —Bai, hori da. Ikusi nahi duzu? Hortxe duzu, pareta hortantxe, igandeko «Le Soir» bereziak argitara zuen fotoa. Eta gelditu egin ziran; eta besarkaturik pareta haren aldera hurbildu ziran. —Oso ondo, bai —esan zuen Pierre'k. Eta ez zuen gezurrik esan, horixe iruditu zitzaion eta. Dantzari ekin zioten. —Zenbat urte duzu, Suzanne? —Hogei ta hiru. Baiñan ez iñoiz egin galdera hori hemengo askori. Farre egin zuen Pierre'k, baiña behin eta berriz desegokiro ari zala nabaitu zuen. —Eta zuk? —Suzanne'k galde. —Hogei ta hamabi. —Sartzen hasia zera, beraz, emakumeok maiteen dugun adiñean: pittin bat hotz, pittin bat sendigaitz eta gogor, sakelan diru mordoak biltzen hasiak... Pierre'k hestutu egin zuen bizkorki Suzanne'ren eskua: —Ez dakit siñistuko nauzun; baiña pozik nago zu ezagututa—irten zitzaion Pierre'ri bihotzetik. Eten egin zan musika une hartan, eta gure bi lagunak barrera itzuli ziran. Pierre'k ez zuen Suzanne'ren eskubiko eskua laxatu, eta oso beroa zeukala erreparatu zuen. —Beste bi txuri, arren —esan zuen Pierre'k. —Eta berealaxe —altabozak berriz ari— Simone Monge, Kappurtala'ko mirabe bakartia! Foko berde batek billatu zuen Simone dalakoa aretoaren atzean. —Zer moduz hau? —galdetu zuen Pierre'k. Eta galdetzearekin barnea asaldatzen zitzaiola nabaitu zuen: argi berde harrigarri hartan, garden bihurtzen zan Suzanne'ren soiñeko ariña, eta ondartza batean ikusiko zukean modura topatu nuen, argiaren berdeak mixteriotsuago eta zirikagarriago aurkezten ziolarik. Odol ukaldi haretxen billa ari zan Pierre, eta asaldatu hain batean poztu zan. —Baiña, Suzanne... txit ongi zaude. —Zer? —erantzun zion hunek oharkabe itxuran. —Ez dakizula zer, ez didazu siñistaraziko. Begira zure iztarretara. —A, bai! Harrigarria da argi hunek lortzen duena... Gizonok nahi duzutena, ez da? Simone Monge han ari zan, lizunkeriatan baiño txorakeriatan Pierre'ri iruditu zitzaionez. Suzanne'ren eskua beti helduta, alkarrizketari ekin nahi zion Pierre'k, hau begiratzeko aitzekia baitzitzaion. Baiña urrikaldu egiten zitzaion batera; eta sendimendu burugabe hura izkutatzen saiatu arren, esan egin behar izan zion azkenean. Hauxe zan, gorputz hura hestutu nahi beroarekin batera, Pierre'z nagusitu zan nahikundea: nola aterako neska hura giro pozointsu hartatik? —Zelebrea zera, Pierre —esan zion Suzanne'k azkenean—. Ez naiz ni hemen uste duzun bezin kupidagarri. Ni ez naiz Aerschot-kalean exerita ikus ditezkean horietako bat. Nere lana ez da hemen zuk uste duzuna. Artista bat naiz ni. Gizon bat atsegin zaidanean, orduan eta ez beti, zerbait gerta diteke nere eta bere artean. Gaiñerantzean ez. Lan hau egiten ez duten emakumeak, beraz, eta gu geu, horren desberdiñak gerala uste duzu benetan? —Eta ni atsegin natzaizu oso? Alegia... nerekin aurrera joko ahal zenuke? —Ez dakit. Ez dut hortaz oraindik pentsatu. Izan liteke. Atsegin zatzazkit. Bezero asko baiño legunago eta begikoago antzematen zaitut. Bi urte lehenago kale ez-ezagun hartan gertatu zitzaiona Suzanne'rekin gertatzeko arriskurik ez zeukala nabaitu zuen. Eta lotsatu egin zan bere buruaren aurrean burutazio linburi hau izatean. Uste huntantxe finkatu zan ordea Pierre dantzara berri harekin, oso baikor, arratsaldeko gertaera hitsaz ia-ia ahazturik. «Strip-tease»ren agerraldiak berdintsuegi ziran. Miñutuak aurrera zijoazen; eta Pierre oso pozik zegoen bere Elsa-aizun berri harekin, oso baikor, arratsaldeko gertaera hitsaz ia-ia ahaztuta itxura zanez. —Piska bat maite zaitudala esan liteke, ez da? —esan zuen ziplo Pierre'k. Baiña Suzanne'k ez zuen erantzun. Ezagutzen ez zuen ausardia bitxi batek bultzaturik, aurpegia Suzanne'renaren kontra jarri zuen; eta emakume batengatik pekatutan eror ditekeala ulertu zuen. Bi urte lehenago mekanikaldian ez zuen ulertu. Pareka zijoazen txuriak, eta zigarroak ez hurriago. —Noiz izango duzu zure ekitaldia, Suzanne? —galdetu zion Pierre'k, aulkietan berriz exerita zeudelarik. —Gaixto hori! Zertarako jakin nahi duzu? Billuzik ikusi nahi nauzu? Argi berdetan somatutakoa ez duzu aski? —esan zion Suzanne'k begi diztira bitxi batez begiratuz. —Bai, Suzanne. Horixe da egia. Eta Pierre'k hau esaten Suzanne'ren iztarrean jarri zuen eskua, eta hestutu. Soiñekoa oso fiña eta oso labaiña iruditu zitzaion, eta iztar gogortxo hura aspaldidanik behar zuen sari izkutua. —Jinasia egiten duzu?... Eskuztagarri dago, ziñez diotsut. —Dana dago horrela nigan: hor-eta nun-nahi —esan zuen Suzanne'k lizunki. —Hauek ere bai. Ez duzu zerorrek egiztatu nahi? Eta bi bularrak hurbildu zizkion, eskuez pittin bat altxatuz. Ez zan Pierre ausartu, eta Suzanne algaraz hasi zan. Azken puntuan geldiarazi zuen Pierre'k bestetango atsekabe muziña: bi urte eta aurrean zekusen edertasun hura ez bide zitzaizkion aski. Lotsatuta zegoen, eta denbora berean hirritsaren dei kiskalgarriak guztiz menderaturik. —Goazen berriz dantzara? —galdetu zuen Pierre'k, ateka hartatik jaregin nahirik. —Dantzarako bildurra galdu zaizu, ikusten dudanez... Dantza-lekua jendez bete zan. «Guantanamera» jotzen hastean, erritmu ekille harek bizkortu egin zuen bere ausardian. Beharra ba zuen. —Hala da, bai. Baiña... beste gauza baten bildur naiz. —Zeren bildur? «Guantanamera» bukatzean, slow bat hasi zan; eta bien aurpegiek alkar ikutzen zuten berriz. —Gaua bakarrik pasatzeko bildur naiz, Suzanne. Nundik lortu ote zuen Pierre'k halako ausardiarik? Ez zekien. —Mamuen bildur zure adiñean? —Suzanne'k eztenka nahiean. —Ez, ez: zeu gabe pasa beharko ote dudan bildur hain zuzen. Nora goaz, Suzanne? Nora goaz oraintxe alkarrekin? —Irabaz nazazu, beraz —irriz Suzanne'k. —Baiña lana bukatzean. Bukatu artean ez daukat hemendik mugitzerik. —Zenbat behar duzu? Jator mintzo natzaizu. Kontua egin zuen ixtante labur batean Pierre'k, eta hirurehun bat libera baiño gehiago ez zuela karkulatu zuen. «Nere galdera zozo baten galdera da. Berriz ere! Apaiztegian izorratu ninduten, bai. Zozoa naiz betirako!». Musika gelditu egin zan. Beti eskutik heldurik Pierre'k eta Suzanne'k barraren ondoko beren bi aulkietara jo zuten. —Beste txuri bana, Pierre? —galdegin zuen Suzanne'k. —Tira ba! Erreka joko dut zugatik. Beste bi txuri, Jacques —eskatu zuen Suzanne'k barmanari begiraturik. Hunek kiñu bat egin zion irribarrez, baiña Pierre'k ez zuen erreparatu. —Bai, ikusi dut, Jacques. Milla esker —Suzanne'k barmanari. Eta Pierre'ri erantzunez, ekin zuen: —Erreka jo? Hasieran ere gauza bera esan duzu; eta ez zan egia. —Ez, Suzanne. Orain egia hutsa da. Eta toxa zabaldurik, arteka guziak erakutsi zizkion, esaten ziolarik: —Huntan ezer ez, huntan neuk bezela ikusten duzu zuk, berrehun libera... huntan, berrogei... eta, kitto! Ez dago besterik. Benetan. Eta besotik heldu zuen, beste zigarro bat erretzen hastekotan. Suzanne askatu egin zan arinki ustekabean, Pierre'ri esanez: —Barka segundu batez. Bezero eta adiskide dudan jaun bat sartu da arestian, eta agurtzera noa. Heldu naiz. Beroak zegoela nabaitu zuen Pierre'k; eta gazte mordo bat sartzerakoan atea zabaldu zanean, gogoz hartu zuen arnasa haize bala hozkirri hartan. Urdin illunez jantzitako gizon gazteari musu bat eman ondoren, atearen ondoan gelditu zan Suzanne, «adiskide» harekin berriketan; eta lehenengo aldiz aspaditxo hartan, erlojua begiratu zuen Pierre'k: ordu biak eta hamar! Siñistu eziña zitzaion. —Ikusten duzu? Hemen nauzu berriz —esan zion Suzanne'k itzultzean. —Goazen berriz dantza egitera? —Ez. Nekatuta nago. Laister gaiñera nere agerraldia egin behar dut, eta oraingoan dantzarik ez egitea hobe dut. —Ongi da —erantzun zuen Pierre'k desgogara. —Zer edango dugu? Beste txuri bana? Beti txuria? Zergatik ez Xanpaña-erdi bat? Bien artean zerbait zaharrakatzen zala nabaitu zuen Pierre'k. —Baiña, dirurik ez dut! —Ba, ba, ba! Beti lelo berbera! —Ezetz, Suzanne. Ez dut besterik. Benetan. —Utzi egin beharko zaitut, beraz. Nere lagun hori zai dago, eta zuk ezer ordaintzerik ez baduzu, ezin naiteke zurekin segi. Luzaz egon naiz: lau bat orduz... —Ez nuen siñistu nahi —erantzun zuen Pierre'k, doiñua arras aldatuz. —Baiñan orain etsi egin behar dut. Desberdiña ziñala uste nuen. Oker egon naiz! Eta zigarroaren kondarra lurrera bota zuen. —Ez farragarrari izan, arren. Ni hemen nere lantokian nago. Ez naiz nere buruaren jabe. Zu atsegiña izan zera nerekin, ez dizut izkutatzen. Beste batean baldin bazatoz, hemen aurkituko nauzu. Bazkaltzerakoan «Sole de Torrento» deritzan bazkaldegian aurki nazakezu; ezin dut gehiago esan. Eta bazkaldegi horren zuzenbidea eman zion; baiña Pierre'k ez zuen entzun. —Dirua xukatu didazu... Orain beste batengana! —Agur. Ez bitxia izan, arren. Etxekoandreak gogor hartuko nau gero halere, ziur nago. Uler nazazu. Agur. Urrena arte. Pierre'k ez zuen ezer erantzun. Argiak itzaldu ziran berriz, eta mikrofonotik lehengo abots berbera entzun zan: —Eta segidan Vivianne Chagny, martinikar paregabea, «Ekialdeko Esnaera» deritzan agerraldi kilikagarrian. Zillarrezko jazkiak berriz nabarmendu ziran illunpeetan ñir-ñir. Mogida lizun batzuen ondoren, Vivianne gelaren barrenuntz begira jarri zan; eta kanpoko gona diztirantea atzeko aldetik askatu zuen, berriro ikusleekiko aurrez aurre agertu aurretik. Higikera nabarmen berdintsu batzuk bigarren aldiz, eta berriz ere ikusleei bizkarra erakutsiz, sostea askatu zuen. Sasi-mixterio askoren artean itzuli zan ikusleetara. Pierre'k ez zuen besterik begiratu; eta ezer gehiago ikusi gabe kalera irten zan. Haizea gazte eta bizi atxeman zuen, eta sakonki hartu zuen arnasa. —Ça a été, n'est ce pas, Monsieur? —galdetu zion atarian kapeloaren zaindariak. —Ça a été, quoi? —Pierre'k sutan. —Eskupekoren bat bederen emango didazu. Ezta? Pierre'k ez zuen ezer erantzun, eta Jacqmain-kalearen aldera jo zuen azkarki. «Eskupekoren bat»... Haserre bizian zijoan, etsipen osoan, txularme guzi-guzietatik nazka zeriola. Bapatean gelditu egin zan, eta atzera egin zuen; eta «Chez Mimmy»ren parean berriz zalarik, agurtu egin zuen kabaret-zaiña maitekiro, eta patrika guztiz hustuz esan zion: —Tori. Berrehun eta berrogei libera. Zuretzako. —Baiña... jauna... ez da ohitura hunenbeste ematea... Ba nekien nik, dana dala, Suzanne oso atsegiña dana. Eta lelo bakartzat hau erantsi zuen: «Anitz esker, jauna... Anitz esker, jauna»... Pierre'k ez zuen ezer erantzun oraingoan ere. Etxerako bidean negar egin nahi zuen; baiña, berriz ere, malkoak falta. Hortzean, aldiz, izar guziak agiri. Udaberriko gau zoragarri bat, egunsentiruntz abiatua XXVI —Zer moduz, Elsa? —geldiarazi zuen Mons'eko geltokiaren ondoko plazan gizon gazte batek, Volkswagen berde bateko leihotik besoaz hartuz. —Nolako izua eman didazun, Romain! —Elsa'k arnasa hestuan. —Barka nazazu, Elsa. Aspaldi huntan zu ez ikusirik ere, atzetik begiratze hutsa aski dut zeu zerala jakiteko. —Nolako izua! —Eta arnasa hartu ondoren, irribarre egin zion. Baiñan irribarre hunek ez zuen Elsa'ren tristura-muziña arras ezabatu. —Barka, berriz ere, Elsa. Zer moduz? Igo zaitez. —Ezin dut. Trena hartzera noa hain zuzen. Eta erlojua begiratu zuen: seirak eta hogei... Hamar miñutu ditut beraz. —Nora joateko? —Brusela'ra. Atzo goizean etorri nintzan, eta bihar goizean lanean hasi behar dut berriz. —Hara noa ni ere. Neuk eramango zaitut, beraz. Kotxe hau zatarra da, baiña haraiño bederen eramango gaitu, nik uste. Elsa zalantzan egon zan miñutu erdi batez; eta azkenean berebillaren ingurua egin, eta sartu egin zan. —Noiz ezkero ez zaitut ikusi, Elsa? Utz nazazu zu ikustera... Beti bezin ederra zaude! Zure begirada lehen baiño tristeago egin da. Noraiño pozik nagoen, Elsa, zu berriro ikusita! —Kontuz, Romain! Argiak gorri jarri dira. —Bai, bai. Ikusi ditut. Ez dut ulertzen... —Zer ez duzu ulertzen? —Zure patua ez dut ulertzen, Elsa. De Potter'ena jakin dut. —Zer? —Dana jakiten da azkenean. Mons'eko guziok ezagutzen dugu zure zoritxarra. Jemappes'ko guziok, alegia, eta Mons berean ezagutu zaitugun guziok. Kolpe dorpe bat nabaitu zuen Elsa'k azken hitz hau entzutean: «zoritxarra», alegia... Zergatik egia egiazko izenaz esan? —Pozik bizi naiz Luc gabe. Poziago lehen baiño. Orain nere buruaren jabe naiz... Hitz hauetan ez zuen Elsa'k bat ere siñisten. —Elsa... Beranduegi jakin ohi dugu dana. Beranduegi jakin ohi dugu zein zan gure bidea. —Ez nitzaz kupida! —esan zuen Elsa'k goragotik. —Azkeneko bi urte hauetan lasai bizi izan naiz. —Zozoarena egin zenuen Luc aukeratuta. Elsa... Elsa; ez dakit nola esan... Baiña, urteak joanak zaizkigulako beharbada, gaztetan aitortuko ez nizuna gaur aitortuko dizut. Ez, noski, bihotzez maite zindudala. Hori ba zenekien... —Ez nekien —esan zuen Elsa'k harridurarik gabe, baiña bestetan baiño barrurago zijoazkiola hitz haiek. —Tira, tira: utz ipuiñok. Hasieratik beretik dakizute emakumeok nork maite zaituen, nork nahi zaituen, eta nork maite eta nahi. —Ez zaigu horren erraza, ez pentsa. Zelaia beti berde eta beti zabal Brusela'rako bidean. —Nik ez nizun emango Luc'ek eman zizkizunak, egia da. Hogei-ta-hamabost urte ditut aurten, eta nere Volkswagen hunek 74.000 kilometro ditu... omen! 174.000 eman dezagun... Baiña nik azkeneko 7.000-ak baizik ez egiñak... Baiña nik, siñistuta egon, ez zindudan sekulan utziko. Dardaratu egin zan Elsa goitik behera: —Neuk utzi nuen bera, ez berak ni —erantzun zuen bizixko, eta harrokerian nabarmen zauriturik. —Ez da hori zure herrian zabaldu dan fama. Baiña berdin da. Luc'ek utzarazi dizu, Luc'en jokabidea izan baita zure utzi- beharraren iturburua. Elsa'k begiak beheititu zituen: «Dana jakin da. Egia jakin da... Luc'ek engañatu nauela ba dakite: hunetxek mintzen nau gehienik!», pentsatu zuen. —Barka, Elsa. —Luc gorroto dut! Ez naiz kupidagarri! —goratik—. Zoriontsua naiz! ! Alkarrizketa ateka hartatik atera nahi zuen Romain'ek; eta, giroa nolabait gozatu nahian, esan zion: —Neu naiz kupidagarri, Elsa. Neu batez ere! Soignies'ko argi guziak pizturik zeuden, baiña egunargia ez zan bukatua. Kale koloretsu haien artetik pasatzeak, esnatu bide zuen Elsa lokamuts hartatik: —Bildur ziñan beti, eta nik ezin nuen lehenengo urratsa egin —ekin zion Elsa'k askoz ere apalkiago, eta hasierako hariari eutsi nahiz. —Bost axola, Elsa. Gaur beranduegi da. Haur bat nintzan orduan: hemezortzi urte. Zugan ez nituen begiak besterik erreparatzen. Miñutu batez zeharka zu ikustea, bi astetan barrena pozik egoteko aski zitzaidan. Ez nuen besterik nahi, benetan. —Beroarena ken! —Elsa: horixe duzu egia. Zin dagizut. Ez dut fitsik hanpatzen. —Eziña da hori. —Horixe da egia hutsa halere. Ezkongai nago; eta ametsetako emakumerik ez dago neretzat, eta ez da iñoiz izango. Ametsetako emakume hori zeu ziñan. Geroztik... deusik! —Baiña, zer duzu gaur? —moztu zuen Elsa'k farrez, baiña sendimenduan sakonki hunkiturik. —Ez dakit, Elsa. Orain berandu da. Uste asko pasa da zuri buruz etsi nuen ezkeroztik. Ba dakit zure bidea nerea ez dana... Bestetik beharbada, udaberria, arrats gorrixka hau beharbada, ni zuri mintzatu ala bukatzen hasia; nere kotxean zu ikustea, nola ez!... Dana nahasian. Hasieran pozgarriago izan zitzaizkion Romain'en hitz legun haiek mingarri baiño. Baiña barneraiño sartu zitzaizkion. Familian topatutakoen ondoren, bizkorgarri zitzaizkion alde batetik, galdutako mundu gazte baikor haren zantzu ahaztua. Eta haurretandik ezagutzen zuenak ziona, bestalde, egia zan eskierki. Baiña Tubize pasa orduko, sumindura garratz bat sortu zitzaion Elsa'ri, eta ez zuen ia hitzik erantzuten, begirada beti urruti lauean galdua; eta ixiltasunean pentsakor: —Munduaren itsua! Romain hau nik mespretxuz hartzen nuen gaztetan. Egiazki maite ninduen, ordea; oraindik maite ote nauen ez dakit. Eta nik ez-ikusia egin ohi nion huni, seriotan ere ez nuen hartzen. Izutiegia zitzaidan, errespetu haundiegiz hitzegiten zidan, maiteminduegi atxeman uste nuen; eta ez nuen nik maite. Luc'ek, ordea, gogor hartzen ninduen, diruak ez bestek ematen duen segurantzia zeukan, Brusela'koa zan eta mundutarra beraz (hala uste genuen guk), ausarta eta lotsagabea zan nerekin (eta beste emakumerekin ere bai: gaur ziur nago). Askotan ahaztu egiten bide ninduen. Eta, horra: Luc'ez maitemindu nintzan osotara... Egia da nahastu nintzala; egia da, batez ere, gaur edozertarako beranduegi dala... Beranduegi: hitz ikaragarria, sentontasuna samintzen duen hitz bakarra, garaitu ez duten guzien ezintasuna alhatzen duen ideia nagusia... —Zer duzu, Elsa? —ebaki zuen Romain'ek. —Ezer ez. Pentsakor nago. —Bai, bai. Ageri da. —Bai. Aita gaixorik dago. Ez zan hau aitzekia hutsa. Osagilleak ez zekien zer ote zan; baiña hiru aldiz eroria zan bi astetan, kordea arras galduta. Romain'ek geltokiaren ondoan besotik Elsa heltzean, eritasun hortaz ari zan hau pentsatzen; eta horregatik hartu zuen hain izu haundia, heriotzaren irudia ez baitzebillen Elsa'ren kaskoan txit urrun une hartan. Bestez ari zan oraingoan, egia da; baiñan egoki zetorkion lehenagoko katramilla egiazko hura aipatzea. —Zerbait entzun dut, bai, lehengoan, Jemappes'en. Larria dea? —Ez dakit. Baietz bildur ni. —Oso maite duzu zure aita? Ixillune bat gertatu zan bien artean. —Zoritxarrak beti alkarrekin etorri ohi omen dira. —Aski da, Romain!! —Elsa'k oihuka. Eta negar-zotinka hasi zan... * * * Volkswagen berdea Pâquerettes-kalean gelditu zanean, eta miñutu batzuen ondotik Elsa berebilletik irten eta etxera zanean, zortzi t'erdiak irakurri zituen Pierre'k bere erlojuan. Bi ordu luze hartan zai zegoen Azalees'ko zugaitzen azpitik. Azkenean, beraz, ikusteko bildurrak zegoena ikusi zuen: Elsa, alegia, etxera gizon batek lagundurik bihurtzen... —Horra hor puta hori!!! —atera zitzaion erraietatik beretatik... Zer egingo? —Gogotsu begiratu zuen nor ote zan Volkswagen hartako etsai zorionekoa: bere adiñeko gizon bat somatu zuen. Matrikula begiratu, eta hau irakur bide zitekean: BR-762. Azalees-kaletik gora urruntzen begiez jarraitu zuen; eta eskubi aldera lekutu zanean, bizi-aldi berri bat has zezakeala iruditu zitzaion. Zer egingo? Zer egingo? Nola edo hala hitzegin behar zion Elsa'ri: nola edo hala, eta gau hartantxe. Atzera ala aurrera egin behar zuen arazo hartan; eta egunean zehar azaltzeko prestaturik zeuzkan aitorpen guziak osorik eta emendaturik azaltzeko erabaki zuen: —Nitzaz dan-dana jakingo du. Izan naizena, eta izango naizena. Hortara, jakiñaren gaiñean erabakiko du bederen. Eta, gogortasun harrigarri batez orniturik, Pâquerettes'tik gora abiatu zan, Elsa'ren etxean sartzera deliberaturik. —Ni sartuko, ala Elsa irtengo! Bietako bat. Rubikon'aren garaia heldu da! Taupadak arrapaladan, tinbrea jo zuen. Eskubi-aldean bezperako letreroa irakurri zuen: «Elsa Scheelen», eta hotzikara bat sendi zuen goitik behera. Elsa'ren begiradak legunduko ote zuen bildur zan, eta hasieratik beretik mintzatu nahi zitzaion latz eta zakar. Baiñan atea ez zan zabaldu. Berriz deitu, eta erantzunik ez. Hirugarren aldiz, eta luzeago; eta erantzunik ez. Nornahi izanik ere Elsa'k ez zuen ideki nahi: negarraldi etsian, igande arratsari gaiñerakoak erantsirik, Romain'en hitz xuxenak beti aurrean, ez zuen iñortaz deus jakin nahi. Pierre Meunier izan zitekeanik ez zitzaion burutik pasa ere egin. Laugarren aldiz jo zuen Pierre'k; eta erantzunik ez jasorik, persianan jotzea erabaki zuen. Eskua hetsi zuen, eta ukabilka hasi zan su-ta-gar, Elsa nola edo hala irten-arazteko bermaturik. Erantzunik ez. —Pierre Meunier naiz!!! Ideki zazu atea, ala okerrago izango da! Argitasun izpi bat nabaitu zuen Pierre'k atariko atearen azpitik, eta poztu egin zan. Baiña laister itzaldu zan hau ere; eta ixillaldia nagusitu zan. —Ideki zazu, arren, Elsa! —oihu egin zuen karrasi bizian; eta atean bertan hasi zan ero-moduan ukabilka.— Hor zaude, ba dakit!!! Ideki atea!! ! —Jauna —entzun zan goitik—. Emakumearen egoera ahula da, eta «ezetza» da bere azken aukera. Scheelen andreak, gauza nabarmena da, ez du zurekin egon nahi. Uztazu pakean: emakume asko dago Brusela'n. Eta utz nazazu ni ere pakean: zalaparta hau jasan eziña zait. —F... moi la paix, vieille taupe —erantzun zion Pierre'k, bere onetatik aterata. —On va voir ça tout de suite, morpion! —erantzun zuen Laurent alargunak, leihoak soiñu haundiaz hetsiz. Pierre ez zan bildurtu: une hartan ez zan ezerengatik bildurtzeko gauza. Baiña eskaka egon hura, ahulkeria hura beraz, gizon batengan egokia ez zala bururatu zitzaion; eta, bihotza sutan, Azalées aldera joan zan beheruntz, dana eta datena madarikatuz. Polizia, hortara, Pâquerettes-kalera azaldu zan orduko, Laurent andreak berak azaldu zien dana; eta barkatzeko eskatu zien, galazten hasi zana aldegin berria baitzan. Ez zuen izenik aipatu, eta ez Elsa. Hunek, beraz, ez zuen istillu hartan parterik hartu; baiña, guztiz gogaiturik eta kezkaturik, poliziaren joan-etorriak eta esanak entzun zituen bere gelatik. Eta galderatan eta saltsa berritan sar zezaten ikara osoak egon zan, atean noiz deituko zuten zai. —Astebete falta da hauzirako —pentsatzen zuen Elsa'k—, eta orain iskanbilla bitxi hau gertatu behar... Eta, eziñegonean, alde batera eta bestera aldatzen zan, barne-pakea iñoiz baiño areago galdurik: zenbait aldiz belarria atearen oholari iratxekiz; zenbait aldiz, illunpean gerizaturik, persiana azpitik kale aldera begiratuz. Pierre'k bildurtu egin zuen arras: aurpegi hura illunpeetan somatu zuen, eta gau hartantxe hil zezan bildurrak hartu zuen Elsa. Hamaikak jo... hamabiak jo... ordu bata jo... Eta Elsa beti esnai... Aitaren irudiak, Romain'en hitzak, ate ondoko istilluak, herronka eta eroaldi betean... —Nere izena ez da azaldu bederen. Hau bihar bertan eskertu behar diot Laurent alargunari: oso zuhurki jokatu du. Eta beharrik! Bestela nere hauzia betirako nahas zitekean. Ene!... Eta, bihar, Hektos-enean, zer egingo? Bildur naiz, oso bildur... Pierre Meunier hara azaltzen baldin bada, zer egingo nik? Poliziari deituko? Eta ondorioak, zer? Luc irribarrez... Ez!... Irteerarik ez. Bi «Bellergal» hartu zituen. Handik ordubetera bi «Valium»; eta gero beste hiru. Ezin loak har... Beste hiru hartu zituen. Alperrik. Beste bi «Bellergal» eta bi «Valium», batera. Lokamuts haiek piskanaka baretu ziran Elsa'ren barruan; bere oroimen nahasia azkenean pausatu zan. Eta Elsa'k ez zituen hiruetako kanpai hotsak entzun... * * * —Alajainkoa! —botatzen zuen Pierre'k goratik. Schaerbeek'eko eta Sint Gillis'ko kale bakartietan zehar, bere birauak, zantarkeriak eta oinkadak entzuten zirala: —Bi orduz emakume baten zai! Nolako zentzugabekeria! Zer egingo, ordea, kinka ahalkegarri huni bira emateko? Ezin iñolaz ere deusik asma. Barne-tristura eta barne-etsipena gero eta tristeagoa eta etsiagoa... Azkenean bere etxea ikusi zuen, argi motel batean loak harturik. Sartu, eta ohea egin gabe topatu zuen: maindireak mordoillo bat bihurturik, burusiak zoruan, burukoa non ote zan agiri ez. Jaka eta zapatak erantzi zituen, alkandoraren lepokoa laxotu, eta eztarrian benetako miña zuelarik, buruz behera etzan zan, arnasa nekez hartuz. Maindirearen hotzak pittin bat ematzen bide zuen Pierre'ren aurpegiko berotasun kiskalgarria; eta gogoz ferekatzen zuen, beheruntz bultzatuz, musuan zeukan azkura alde batera eta bestera azkatuz; batzutan ere, hoskia gaindituz, zapian koska egiñez. Hartan kanpandorreko kanpaiak entzun ziran; eta ixiltasunean behiñere baiño illunago gertatu zitzaizkion Pierre'ri: «Denek kolpatzen, azkenak hiltzen»... Aitaren kiñu hartaz gogoratu zan, eta laztu ere bai; baiña laister nagusitu zitzaion berriz Elsa'ren oroitzapen garratza: —Zozoarena egin dut! —zion berekiko—. Eta erdi etsita erdi amorru bizian erasten: «Ordu laurden batez baiño luzaroago ez da sekula santan itxaron behar emakume bat. Eta ni han deika etsian, eta Elsa barruan nere lepora farrez! Nere zozoa! Nere haurkeriaren larria! Arrunt salatu dut nere burua, osotara saldu, nitzaz Elsa'k nahi duen guzia egin dezan berariaz egin banu bezela. Ene, ene! Nola konponduko hau? Konponketarik ba ahal dut? Gizaseme-arra nagusitzen zitzaionean, ia goratik hasten zan: —Ohean ez bestetan barkatuko diot nik neurririk gabeko afruntu eta laido hau! Urrengo ikustamena bere lo-ganberan gertatuko da, ala ez nau berriz ikusiko puta horrek. Zin dagit! Laister konturatzen zan, ordea, hitz hutsak zirala horiek; eta, hori pentsatuagatik ere, Elsa'k ez ziola atea zabaldu, eta horregatixek joan zala etxeruntz arestian ixil-ixillik, eta burua makur. Hauxe zan egia bakarra eta nabarmena. —Don Juan modura agertu nahi nik Elsa'ren aurrean? —zion berekiko—. Nola? Nola asmatuko nik, ordea, joko hori? Esperientzi soillak eman dezakeana, nola antzemango? Nola hotz jokatuko bihotza kiskaltzen ari zaidalarik? Konfesionaletan hainbeste aldiz entzundakoa, zer? Zer da haragikeria? Maitasunaren osagarria, ala bere ezaren izkutatzaillea? Ezin Tristan eta Don Juan batera izan, eta ni Tristan naiz. Bizkarrean hotza nabaitu zuen, baiña ez zuen estali nahi izandu: —Zertarako? Gaixotzea zer? Hiltzea bera, zer? Bost axola neri! Elsa'k gauza bera aitortu ohi ziola gogoratu zitzaion, eta maitasunari urrikia erantsi zitzaion: «Eta nik ezer ezin egin zorigaiztoko maite horren alde! «...Eta «maite» hitza ematean, zauskada bat sendi zuen bihotzean; eta burua altxaturik oihu egin zuen, orduaren beranduaz guztiz ahazturik: —Betor heriotza! Betor oraintxe! Ezin loak har, ezin ezer. Alde batera eta bestera higitu, eta dana alperrik. Eldarnioak zimikaturik, eztarria guztiz minberaturik, arnasa ohi bezin errazki ezin harturik, jaikitzea erabaki zuen; eta zutitzean hotzikara bortitz batek iñarrosi zuen. —Bai —esan zuen bapatean, aurpegia ziplo argiturik—. Horixe da! Horixe egingo dut! Horixe egingo dut: bero-beroan, egia nere bihotzetik emaro dariolarik, egia osoa esango diot izkribuz Elsa'ri. Irakur dezan itxaropen haundirik ez badut ere, nere barnea bederen hustuko dut; eta hustutze horri datxekon pake apurra lortuko dut, nik uste. Gaur baiño gutun egiazkoagorik ez dut iñoiz idatziko; gogozago ez dut ezertaz egingo. Eta ia estropozorik batere gabe, ideiak etorri ala, lerro hauek idatzi zituen gaueko hirurak aldean: «Brusela, 1967-ko Maiatzaren 28-an. Elsa miretsia: Huna hemen nere azkeneko gutuna. Azken lerroraiño irakurtzea eskertuko nizuke. Bihotza zabalik mintzo natzaizu». (Eta lipar labur batez zalantzan egon ondoren, lapitza gorri batez marratu zituen hitz horiek, nabarmenago utzi nahiz). «Gaur arratsean, arestian alegia, zure uko guzizkoari dagokion jokabide doillorra ikusi dut. Gauza ageria zait gaur ez duzula nitzaz ezer jakin nahi. Goiak eta behereak nahasturik ere, zure etxeko atarian nere burua nabarmen-eraziz ere, ez-entzuna egin duzu. Etxean ez ziñan itxura egin duzu, atea iñolaz ere ez idekiaz. Baiña Volkswagen batetik irtetzen eta etxera sartzen ikusi zaitut Josaphat'eko Parke-hegitik. Etsi egin behar dut, beraz: zure egoera garbi dago. Ez dizut halere agur esan nahi, ezin izango nuke, hobeki esateko, arestian irten baziña esango nizukeana azaldu gabe. Utz nazazu berriz ere maite zaitudala azkeneko aldiz esatera, eta iñoiz iñoiz ahaztuko ez zaitudala birresatera. Josaphat'eko Parkea nere barne-bizi izkutuan mugarri pixu bat billakatu da. Goitik behera zaude oker ni emakoi legun faltsu bat baizik ez naizela uste baldin baduzu. Emakume guzien aurrean urtetan barrena «ez» esanez, zaildu egin naiz, ez legundu; eta zurekin gertatu zaidana ez zait iñoiz gertatu. Nere lehendabiziko maitasuna izan zera nere bizian, eta azkena ere bai eskierki. Hasieratik kontra egin arren, lebenengo egunetik beretik maitatu zaitut: zure aitaren etxeko negar haiek betirako zauritu dute nere bihotza. Eta ikusi ez ditudanak, ni erotu arte piztu dute nigan neurririk ez duen sendimendu hau. Orain arte apeza izan naizenez, bestalde, guzia txit gogorra izan zaidala ez duzu dudan jarri behar. Arestian berebil hortatik irtetzen ikusi zaitudanean, zalantzan utzi nauzu: zure prestutasuna, zure bertutea bera, koloka gelditu dira nere ustean. Baiña nahiz susmo hau egiazkoa izan, nahiz lagun hori nor dan jakin ez, eta nahiz dibortziatutako emakume batez burura ditekeana labaiña bezin ezaguna izan (emakume hori, batez ere, oso ederra danean!) nik zugan siñisten dut; itsu-itsuan hein batean, ba dakit; baiña zugan siñisten dut halere. Emakume prestua eta ziñezkoa zerala siñisten dut. Hauxe duzu egia. Hunengatik diotsut zurekiko nere istimua eta onerizkoa osorik daudela. Horregatixek, bestalde, zugatik uste duzun baiño areago sufritu badut ere, bestetan esandakoari eusten diot: edozein egun atsekabetan, kinka gaistoren bat duzunean (eta hunelakorik falta ez zaizula siñistuta nago! ), zernahirengatik etsita zaudenean hitz batez, eta egun hortan nik lagun bazaitzaket, otoi Elsa, ez dudarik egin: nigan duzu, eta dukezu, adiskide ziur oso bat. Orduan bederen, Elsa, oroit nitzaz. Nere eskeintza hau arbuiatuko ez duzula siñistu nahi dut. Edonola ere, zu berriz ikusteko itxaropena ez dut arras galdua. Zure begirada tristea edateko, zu berriro farrez entzuteko, zure eskua noizpait nereetan hestutzeko ez dut itxaropena galdurik. Hitz batera biltzeko: uste duzun baiño zinkiago maite dudan nere Elsa ikusteko itxaropena ez dut erabat galdua. Apeza naizelako gorrotoago nauzu, nik uste, eta nere egiñak eta urratsak nardagarriago zaizkitzu, eta faltsuago. Agian hau garbitzetik hasi behar nuen. Baiña puntu huntan ere oker zaude. Bart, arestian hobe, argi eta garbi nahi nizun hortaz hitzegin. Hain zuzen ere, fedea galdu dudalako, eta sotanaren komeria huni eustea eziña jarri zaidalako, apezgoa uztea erabaki dut. Hori dala bide (esatera ere ez naiz ausartzen) nere burua osoki zeuri eskain dizaizuket gaur. Eta nik zure bizia berriz errotzeko, sustraitzeko, alaitzeko, eta birrerosteko, naizen guzia zuri emateko gartu nauzu. Gutxi eskeintzen dizut beharbada; baiña naizen guzia zure alde emateko gertu nago. Zertarako ekingo, ordea? Ez duzu gauza bera senditzen, ondikotz! Baiña jakin dezazun nahi dut, baiezko erantzunik jasotzeko itxaropenik batere ez badut ere. Egia jakin dezazun nahi dut, Elsa; eta egia hau da: zeu zerala gaur siñisten dudan bakarra De Potter jaunari buruz, maiz pentsatu dut. Bai, Elsa: askotan gogoratu naiz zure senar-ohiaz. Eta bihotzaren erditik gorroto dut. Zure biziera eten eta desegin du; eta bildur naiz ni, eta batzutan esan dizut, oraingoz guztiz ahaztu ez duzun zuk. Alderdi guzietatik zoragarria dan emakume baten lillura eta bizia hondatu ditu haiñak. De Potter gorroto dut horregatik: zeuk baiño gorrotoago, nik uste. Bukatu egin behar dut. Ez nekien, Elsa, zu ezagutu arte, pertsona bat nola eta noraiño maita ditekean; orain ba dakit. Eta sendimendu hunen ondoan gaiñerako guziak deus ez dirala ikasi dut. Zerorrek hau zer dan oraindik ongi ote dakizun zalantzan nago; eta ezezkoan, urrikiko nintzaizuke. Barneko ezin-egon hau, begitarte baten egarri larri hau, zer diran orain ba dakit; gaur arte ez nekien. Olerkariek sukar hau hanpatzen zutela uste nuen; gaur, aldiz, gutxi gora-behera baizik hau azaltzen jakin ez dutela iruditzen zait. Izpirituaren egarriak ezagutuak ditut. Odola falta zaie, eta odolak bizi gaitu gizonok. Malkoak datozkit begietara; eta, siñistuta egon, ez naiz esakuntza ederrak osatzekotan zuri idazten ari. Nere arimak idazten dizu tartekorik gabe, besterik eziñean, gau azkengabe huntan. Ustela edo koldarra izan nindekean, ba dakit; eta dana izkuta nizaizukean. Ez dago zalantzarik. Ez siñistu nahiko: gogorregia litzaidake, goibelegia bekeria hori ez dagokio nere izakerari. Nere pausu hau era hortara zuk hartzea nahiko nuke. Zu egunen batean ikusi ezkero, zoriontsu izango nintzake. Sekulan ikusiko ez zaitudala ez nuke nik sñistu nahiko: gogorregia litzaidake, goibelegia benetan. Saia zaitez, arren, nere heiñean jartzen: ez zaizu horren zail gertatuko, nik uste, nik orain zuri agur hau bidaltzean (beharbada azkena!) senditzen dudana igartzea. Telefona zaidazu bazkalorduan, arren, egunen batean. Egin zazu adiskide gisa. Hau da guzia, Elsa. Edozer gertaturik ere gutun hau zure eta nere artean gelditzea nahiko nuke. Arren: utz itzazu alde batera barbituriko eta pillura horiek. Hauen beharra nabaitzen baldin baduzu, telefona zaidazu, eta izkirimiri irrigarrirenbat kondatuko dizut. Nere nahikaririk hoberenak zuretzat opa izanez, adiskide eta zerbitzari duzun hunengandik, agur'. Pierre.» Ez zuen gero hitzik ia aldatu: «bere hortan onena», uste zuen Pierre'k. Baiña, kopiarik ez? Gaurik gogoangarrienaren arrastorik ez agian? Eta beste paper horri mordo bat hartu, eta kopiatzen hasi zan. Gutunaren beraren idatziak hunkiturik, Pierre'ren begiak berriz berotzen ziran, berriz lausotzen, eta malkoak ixuritzeko gertu diztiratzen. Alde batetik lotsatu egiten zan Pierre bere burua ahulezia negarti hartan harrapaturik; baiña bestetik pozgarri eta gozo zitzaion halako sendimendu bortitz eta azkar baten jopu egotea. Edozein emakume baiño biguñago bide zegoen une hartan, eta hau laido-bide zitzaion; baiña sekulan astindu ez zuen sendiberatasun-erialdi hura pairatzea, ohore zitzaion, eta alde huntatik hanpurustu egiten zan bere tristuran. Gertatu arte hartan ez zuen iñolaz ere halako eroaldirik gizaseme bati gerta zekiokeala siñisten. Masaillak bustirik, eta esku-ahurra ez gutxitan masailla xukatzen erabilli ondoren, gutuna bukatu eta irakurri zuen. Irakurtzean sofrikari hartan atsegin hartzen zuen: atsegin etsia! Eta berriz irakurri zuen, eta berriz ere, eta hitzetik hortzera zortzi edo hamar aldiz, esakuntza bakoitzean bihotz eta sendimendu guzia ezarriaz. Otoitz bakar baten gisa, eta hasperenen artean, «Elsa» hitza baizik ez zuen esaten: behin eta berriz, iñolaz aspertu gabe. Azala idatzi zuen; eta hatsa azkenean sakonago egiten zitzaiolarik, ohera joan zan. Oraingoan maindireak eta tapakiak pittin bat atondu zituen, eta jaka aulkiaren gaiñean jarri. Erlojua begiratu zuen: lau t'erdiak. Barne-nekeak leher egiñik, eta burukoaren oihalaren hotza baltsamu zitzaiolarik, bereala loak hartu zuen. Bi besoez besarkatzen zuen burukoa... XXVII Gaueko trenetan ixilluneek esnatzen gaituzten bezela, bezperako petraldi gaistoaren ondoko barne-pakeak esnatu bide zuen Pierre Meunier. Leihoko zirrikitu batetik egun-argia antzeman zitekean: gelako illun hartan lauki diztiratsu batek iragartzen zuen egun berria. —Bostak? Besterik ez? Eziña da... Eta esku-erlojua belarriaren ondora eramanaz, ohiko tik-tak ari entzun zuen. —Hamarrak edo zirala uste nuen. Gorputza erabat minduta nabaitu zuen, masaillak ia-ia esparadrapo batek tinkaturik bezin zurrun, begiak makartsu antzera. Leihora zan: zerua goibel itxuraz, eta egunsentia hasi berria. —Kalera noa. Maredsous ezkeroztik ez dut goizabarraren dei ixilla entzun. Eta nere arima-giro huntan, iñoiz ez. Argia piztutzean, paper eta liburu askoren artean, Elsa' rentzako azala zuria ikusi zuen: Mme. Elsa Scheelen - 18, rue des Pâquerettes - Bruxelles, 3». Barne zauskada batek astindu zuen: «Postatzeko gertu dago, egia da». Jakaren sakelan sartu zuen: —Gutuna oraintxe bidaliko diot, eta Altitude-100 aldera joko dut: horixe dut inguru huntan egunsentia miresteko lekurik hurbillena eta onena. Barnea hunkiturik sartu zuen gutuna buzoi batean, eta Ulysses kaletik irten zan Domaine-Ibilbidera. Aurrean, zabal, Brusela'ko mendebaldea. «Le Domaine» Tavernak barreiatu zuen gehienik halere: —Barnean txukun, kanpoan haize garbia eta bista lilluragarria; eta ezin nik iñoiz Elsa'rekin leku hau dasta! Tennis-landa guziak hutsik zeuden. Taverne dalakoa aurreko balkoietik inguratu zuen Pierre'k; eta beheruntz, tennis-landez bestaldera, Duden-Parkean, berriki hozitutako kimu eta aldaska berri hezeak erakusten zituzten zugaitz-adaburuak ikusi zituen: —Ederra, benetan. Baiña hutsa neretzako, betirako galdua baita. Bizi egin behar, aurrera segi behar... Zertarako, ordea, Elsa gabe? «Le Domaine»-eneko bazkaldegiaren barrura begiratu zuen heguteratik: sapaiak zuri, zurezko habe illunak agiri; leihoak zabal-zabal aurre guziko luzeran; zorua gorri; paretak zuri, kareak adrillua ozta-ozta estalirik... Pentsakor gelditu zan une batez; eta gero ipar aldera jo zuen Rousseau-kaletik, etxeek osatutako murru mako illun gaitza eskubitan utziz. Parkeko txorien txorrotxioak etengabe eta zaratatsu. Joan-etorria hurri galtzaretan. Behere urrunean, aitaren heriotzeko bidaia goiztatrean gogoan hartu zuen hiri-irudi berbera zekusen ezkerretan: Brusela iratzartzen nekez hasia, behelaño urdinskan erdi estalia; eta behelaño horren gaiñetik, batimendu ezagun batzuk gaillen: ezkerretatik hasirik Bihotz Sakratuaren eliza nagusi gotor aztuna, Anderlecht'eko eliza-dorre zaharra, Midi-ko dorre lerden luzea, Porte Louise ondoko Epai-Etxeko domoa, lizunez berdetua itxuraz; eta oso urruti, ipar aldean ia galdurik, Atomium'en isla berezia... Bertago, basket-landa bat ezkerretan, hutsik, ixillik... —Zein dan tristea basket-landa bat basketlaririk gabe! Zein dan illuna mundua gaztetasunik gabe! Landa huntan ez naiz ni iñoiz jokatuko... Joanak joan! Zer illunagorik eta erdiragarriagorik garaia joana dala ohartzea baiño? Zer jasan-eziñagorik zahartzaroa baiño, beraz? Atzean 1880-ko dorre arre-gorri bitxi bat ikusi zuen, aspaldiko billa baten apaingarri... —Elsa! —esan zuen bapatean—. Elsa, Elsa! Hau guzia zu gabe. Mundu osoa zu gabe... Hutsa! Ez nuke nahiko! Eta poltsikutik gutunaren kopia ateraiaz, bideska zugaitsu eta itzaltsu batean behera abiatu zan, hormatxori talde bat uxatuz: ...«De Potter gorroto dut horregatik»... Bezperako berotasun mota berbera nabaitu zuen begietan, eta eztarrian oiñaze berbera; eta gorde egin behar izan zuen. Malenkoniak arras gainditurik, beheruntz begiratu zuen zugaitzen adaburuen artetik: —Egunsenti jaukala, zoragarria, aparta benetan! Oraintxe hasi da, ordea, neretzako gaurik beltzena; azken eustarria desegin baitzait. Zeri helduko aurrerakoan? Zertarako helduko biziari? Ipar-aldera begiratu zuen. Atomium'en esfera eskergak, eguzkiaren lehenengo izpi gorriek argiturik, bapatean sutan goriturik bide zeuden. —Zertarako goiz itxaropengarri hau? Zertarako goiz ederrik alabatxoa hil berria zaion amarentzako? Aldapan gora nekez aurreratzen zan kamioi haundi baten negar erdi gizatarrak gogorazi zion Pierre'ri ez zala hura guzia amets gaisto baiñan eder bat, egia garratza baizik: eguneroko bizi legorra berriz hasten zan Duden-Parkearen ondotik. —Eta orain lanera, Pierre! —esan zion bere buruari arras gogaiturik—. Orain lanera! Sendimenduari dagozkion zozokeria hauek alde batera utziko dituk, hortaz, eta gauza serioei helduko... Hori duk gizonki jokatzea!... Baietz, motel! Eta txistua bota zuen. Elsa Hektos-enean ikusiko? Ezetz uste zuen Pierre'k. Zergatik ez? Zergatik han bertan berriz ez ikusteko zalantza zentzugabe hura? Ezin esan. Bildurra nunbait... Etxerako bidean Altitude-100-eko plaza borobilletik igarotzean, gelditu ere egin zan Pierre, leiho batetik, zeiñetatik ez zekiela, biolin-mordo batek joa, «Something stupid» entzutean. Nota zorrotz haiek muiñeraiño joan ziran zuzen, Pierre'k ordurarte soma ezin zezakean modura. Plazatxo borobil hura eliza bateko barne-giro ozena zan ziplo; eta bezperan baiño premiatsuago nabaitu zuen negar egiteko behar hertsia, ezin idukia, eta eztarria ere bezperan baiño minberago. Behin eta berriz irentsi zuen Pierre'k mingain erdia: —Zer da hau, Jauna? Zergatik iñoiz iñarrosi ez ninduten zauskadak, Elsa'rengatik bai? Bideari ekin zion jendeak aurpegi hura ikus zizaioten bildur: —Hektos'enera noa. Nere begiak kiskaltzen dituen gar hau Elsa'k ikustea nahi dut. Besterik eziñean, eta neretzako dana galdua dan ezkero, urrikal bekit bederen! Azken zuzenketak etxen hartu, beraz, ahalik ongienik apaindu, eta La Limite-kalearen aldera joko zuen oiñez. * * * WaIfelaerts-kaleko bere sototik irtetzean, ordea, ezagutzen ez zituen bi gizon gaztek lotu zuten besotik: —Meunier apeza? «Apeza» hitzak hotzikara bat eman zion Pierre'ri. —Bai. Neu naiz. —Aita Meunier. Barka gaitzazu: oraintxe etorri beharko duzu gurekin. Zerbait dugu zuretzako. —Zer? —Police Judiciaire... Ezagutzen duzun emakume bat hil da. Zurekin hartu-emanak zituen ezkero, galdera batzuk erantzutea eskertuko genizuke. Pierre'k ez zuen deus ulertu; eta garrazki erantzun zien: —Oker zaudete, jaunak. Baiñan esate berean laztu egin zan erraietaraiño eta osoki: —Nola deritza? —Elsa De Potter. Pâquerettes-kalean bizi zan. «Bizi zan... bizi zan... bizi zan»... —Ez! —oihu egin zuen Pierre'k. Segundu erdi batean bezperako gertaera guziak birrikusi zituen, illara oso eta zoroan. Anketan ahulezia guztizko bat nabaitu zuen; eta bi polizien besoetatik zintzilik zegoela erreparatu zuen. Izotzezko izerdiz bete zan Pierre'ren kopeta, eta kale hura illunabarrean abiatzen zala iruditu zitzaion, ikusmena egiazki lausotzen hasi bazitzaion bezelaxe. —Elsa nerea! —esan zuen nekez, arnasa galduz eta lerdea zeriola. —Kemen izan zazu, Aita Meunier: gauza hauek lehenago behar dira pentsatu... Pierre'ren burua zintzilika zegoen, lepoa guztiz laxatu balitzaio bezela. —Zure egoera —ekin zuen poliziak—, zaillagoa da, bai, gaiñerako hiltzailleena baiño. Konturatzen gera. Zure burua garbitu beharko duzu anitz aldetatik. Laurent alargunak esan digunez, larunbatean ere... Pierre'k ez zuen besterik ulertu. Hitz asko, bai, motorraren soiñuan nahasirik. Eta esku hezurtsu batek hertsiki tinkatzen ziola eskubiko besoa. Besterik ez. —Heldu gera, Aita Meunier. Irten zaitez. Pierre'k ez zuen ezer erantzun. Baiñan ez zan kotxetik irtetzeko gauza izan; eta bi polizien artean, besoetan oiñaze zorrotza hartzen zuelarik, zakarki aterarazi zuten. —Tira, tira, aita! Aski dira komeria hauek! Pâquerettes-kaleko sotoan ikusle asko zegoen, emakumeak gehienik, zai itxuraz; eta Pierre Meunier berebilletik era hartara atera zutenean, gorago entzun zan zurrumurrua, orroa hobe. Pierre'k ez zuen dana ulertu; baiña bakanka hitzen bat heltzen zitzaion garbiki bere belarrira: —Hiltzaille zerri hori! —Horra hor gure aingerutxoa! —Alu urde hori! —Esaiok Suenens'i barkatzeko: laister egingo dik, bai... Noski! —Zein artzapezpikuk erakutsi dik joko hori? —Beti bat zuek apezok: besteontzako predikatzen onak zerate; baiña zuek sabela bete, eta sabelpeari eragin! —Bai, neuk ere entzun nituen bart hire karrasi eroak! Ezpata-kolpetik ezpata-kolpera, zauritik zaurira, goragaletik goragalera... Hiru miñuturen buruan Pierre entzungor egin zan lerde-aintzira kirats hartan; eta oiñazeen illara lazgarria eten egin zan beretzat: kopurua betea zan, eta gainditua ere bai. —Ez, ez —esan zuen goratik eta larderiaki gizon zahar gizen batek—. Hemen ez du balio. Goazen komisarira. Han jarraituko dugu gure lana. Luc De Potter jauna ere han dugu, zai. —Zure aginduetara —entzun zan. Begiramendurik batere gabe sarrerazi zuten Pierre Meunier bi poliziek lehengo kotxean. Pierre'k ez zuen txintik atera, ezer sendituko ez balu bezela. Zertarako eutsi? Berebillak Pâquerettes-kalea jetxi zuen; eta izkiñan ezkerretara jo zuen Azalées-tik behera. Zugaitzen artetik, Josaphat'eko zingira paketsu illuna erreparatu zuen Pierre'k kotxearen leihatillatik. Eta itzal itzaltsu hartan beltxarga zuri bat ikusi zuen, illunean argi printza gisa, ia geldirik, ur ixillean igeri.
booktegi.eus ANTONIO CASADO DA ROCHA Thoreauren poemak (benetakoak zein apokrifoak) edo Poesia txarraren apologia Henry David Thoreau idazle ipar amerikarra ospetsua da Walden, Desobedientzia Zibila eta beste entseguak, eta bere egunkaria direla eta. Prosazko artelanak dira, denak. Baina Thoreau ez zen poeta ona, eta bazekien. Behin batean Harvard Unibertsitateak inkesta bidali zion, ikasketak bukatu ostean bere ogibidea zein zen jakiteko. Honako hau erantzun zuen: “Eskolako maisua izan naiz, baita tutorea, lur-neurtzailea, lorazaina, baserritarra, pareta-margotzailea, arotza, igeltseroa, jornalaria, arkatz egilea, idazlea eta sasipoeta ere.” Thoreauk “poetaster” hitza erabili zuen, poetastroa, poeta kaxkarra. Txarra zela jakinda ere, ez zion poesia idazteari inoiz utzi. Antza, poesia txarrak ere balio du. Besteak beste, poeta txarraren asmo onak zeintzuk diren adierazteko. Hipotesi hori egiaztatzeko, hainbat poema jarriko ditugu hemen. Zertarako balio du poema batek? Adibidez, naturaren edertasuna adierazteko. Hala esaten du gure lehenengo poema honek. Norena den… gero jakingo dugu. 1. Gauzen edertasun harrigarria sentitu eta deklaratu: lurra, harria eta ura, piztia, gizon-emakumea, eguzkia, ilargia eta izarrak; giza naturaren edertasun gorria, bere pentsamenduak, astinduak eta pasioak, natura gizagabea eta bere nagusitasuna, gizakia amets erdia baita; gizakia naturaren ametsa omen da, baina harkaitza eta ura eta zerua egonkorrak dira. Zabal sentitzea, zabal ulertzea, zabal adieraztea naturaren edertasuna, poesiaren zeregin bakarra da. Gainontzekoa jolasa da: sentimendu onak edo nobleak, ideia korapilotsuak, amodioa, lizunkeria, desioa: arrazoiak baina ez arrazoia. To feel and speak the astonishing beauty of things—earth, stone and water, Beast, man and woman, sun, moon and stars— The blood-shot beauty of human nature, its thoughts, frenzies and passions, And unhuman nature its towering reality— For man’s half dream; man, you might say, is nature dreaming, but rock And water and sky are constant—to feel Greatly, and understand greatly, and express greatly, the natural Beauty, is the sole business of poetry. The rest’s diversion: those holy or noble sentiments, the intricate ideas, The love, lust, longing: reasons, but not the reason. Gainontzekoa jolasa denez, jolas bat proposatzen diogu entzuleari. Irakurraldi honetako poema gehienak Thoreaurenak dira, 19. mendekoak. Baina denak ez dira Thoreauk eginak: beste batzuk tartekatu ditugu, 20. eta 21. mendekoak, Thoreauren eran-edo idatzitakoak. Zeintzuk diren benetakoak eta zeintzuk apokrifoak asmatu beharko du entzuleak, kiniela, “quiz” edo “porra” moduko bat osatuz. Poema bakoitzari zenbaki bat jarri diogu, eta amaieran esango dugu zeintzuk diren benetakoak, eta nortzuk dira apokrifoen egileak. Gaztetan, Thoreauk poema batzuk argitaratu zituen The Dial aldizkarian. Baina aldizkariak 1844an porrot egin zuenean, bere prosazko testuetan poemak txertatzeko ohitura hartu zuen. Horietako poema batzuk oso laburrak dira, tiro hotsak dirudite. Honako honek badirudi horietako poema japoniar bat, haiku bat. Hain da laburra (17 silaba ditu), ezen bitan irakurriko baitut. 2. Ikusten dugu planeta eroria: hori da guztia. We see the planet fall, And that is all. Thoreau jaio zen 1817an Concord-en, Massachusetts estatuko herri txiki batean; Walden laku txikia oso gertu dago. Bertan izandako bizipenak Walden izeneko liburuan jaso zituen. Liburuak 18 atal ditu, eta azken aurrekoak udaberriaz dihardu. Luzeak eta ankerrak dira Ingalaterra Berriko neguak; martxoaren eta apirilaren bitartean, Thoreauren inguruan denak zeuden adi-adi udaberria noiz etorriko. Ezen udaberriaren etorrera ikusten dugu orduan, baina adi egonez gero, entzun ere egiten baita. 3. Apirilak 1. Eguzkiak jota, berrabiatu da natura osoa, lur bustia zirtakatzen hasi da txingarrak zirtakatzen diren legez, barruko sua oraindik bizirik dagoela esaten ari dira, hasten eta mugitzen, zirt eta zart, zirt eta zart belarrak gaur entzun dituzu, gaur zirt eta zart hostoak hasten eta mugitzen, zirt eta zart dagoela esaten ari dira, barruko sua oraindik bizirik txingarrak zirtakatzen diren legez lur bustia zirtakatzen hasi da, berrabiatu da natura osoa eguzkiak eta apirilak jota. April 1st. The sun hits And the whole of nature starts up, Damp earth begins to sizzle The way embers do The inner fire still alive That’s what they are saying, They grow and move, here and there, Here and there the grass Today you have heard, today Here and there the leaves They grow and move, here and there, That’s what they are saying, The inner fire still alive The way embers do, Damp earth begins to sizzle And the whole of nature starts up, Hit by the sun and April. Euskal Herria Kantauriari begira dagoen moduan, Ingalaterra Berria Atlantikoari begira dago. Balearen arrantzan ere ibiltzen ziren han; izan ere, Walden baino hiru urte lehenago argitaratu zen Moby Dick eleberria. Thoreauk bizitza osoa eman zuen herrixka, Concord, kostaldetik 35 kilometrotara dago. Hurrengo poemari itsas usaina dario. Oso laburra da hau ere, berriz ere bitan irakurriko dut. Arreta jarri, misteriotsua da eta. 4. Eguzki etzanaren eta bidaiaren artean. Itsasertzeko duna higikor batean altxatuta, ehiza-txakurra gizon baten gorpuaren gainean. Between the traveler and the setting sun. Upon some drifting sand heap of the shore, A hound stands o’er the carcass of a man. Norena ote zen gorpu hura, itsasertzeko duna batean hilotz? Thoreauk bidaia batzuk egin zituen Cape Cod-eko hondartzetara, eta horietako batean naufragio baten biktimak topatu zituen; gehienak etorkin irlandarrak ziren. Thoreauren garaian, langile asko Irlandatik joan ziren Estatu Batuetara, goseari ihes. Bere etxetxoa egiteko oholtzak irlandar bati erosi zizkion Thoreauk. Pobreetan pobreenak ziren, eta beren egoeraz kezkatuta hainbat pasarte idatzi zuen. Hona hemen mutiko irlandar bati egindako poematxo bat. Thoreauk idatzia da, ala beste poeta txar batek? Apustua egin, eta gero jakingo dugu. 5. Mutiko irlandarra naiz, txabolan bizi dena; lau urte ditut orain baina laster bi dozena. Gizon bat bihurtzeko hazi egingo naiz eta eguna emango dut palarekin lanetan; lurrean murgilduta Lubaki Sakonetan, trenbidea egiten irlandarren oinetan. Afaltzeko patatak, ogia batzuetan, eta hotza badago sartzen naiz ohean. Amak ez du negarrik, aitak ez dit errieta: mutiko irlandar bait naiz, lau urte dituena. Eskolara egunero jarraituz trenbidea, elurra hain zen hotza negar egin nuela; halere ez dit axola elur-mina edo jela: mutiko irlandar bait naiz lau urte dituena. I am the little Irish boy That lives in the shanty I am four years old today And shall soon be one and twenty I shall grow up And be a great man And shovel all day As hard as I can. Down in the deep cut Where the men lived Who made the Rail road. For supper I have some potatoes And sometimes some bread And then if its cold I go right to bed. My mother does not cry And my father does not scold For I am a little Irish Boy And I'm four years old. Every day I go to school Along the Railroad It was so cold it made me cry The day that it snowed. And if my feet ache I do not mind the cold For I am a little Irish boy & I'm four years old. Irakurtzen ari garen poema gehienak gaztelaniaz argitaratu ditu aurten Cátedra argitaletxeak. Javier Alcorizak egin du bertsioa eta berarekin hitz egin dut Thoreauren idatziak itzultzeko zailtasunaz. Horiek saihesteko, Javierrek erabaki du Thoreauren errimak eta bertso neurria ez mantentzea, bertsoen esanahian arreta jartze aldera. Zilegia da erabakia noski, baina jatorrizko poemak errimaz beteta daude eta hori kenduz gero, musikarik gabe geratzen dira bertsioak. Hori dela eta, euskarazko bertsioak musikarekin ezkontzea erabaki nuen nik. Eta kasu batzuetan errimak mantentzen saiatu naiz. Hurrengo poema Walden liburuaren zirriborro batean zegoen, baina ez zen behin-betiko bertsiora iritsi. Lakuan idatzitako eskuizkribu hura txukuntzen eta berridazten urte batzuk eman zituen Thoreauk. Egunez egun bizi baitzen, ez zuen presarik. 6. Oraingo denboraren bila noa, beste klimarik ez dut behar, bizitzara gaur, ez beste inora, Parisera edo Erromara, edo urrunago dagoen bestera. Heriotza morala da gizakiarena bizitza arnasarekin bat ez datorrela. Zer dira balentriak etxetik at? Zer da entsegurik onena Erromako hondakinen gainean? Bide urratuak, Bibliako esaerak, eguraldi atseginak, errekaren bueltak eta horrek guztiak noraezean ibiltzea galarazten didate pentsamenduan zein ekintzan. Izotzean edo uholdean, Hego eguzkitsua bilatu ordez bidaia osoa egin nahi dut oraingo ordu eguzkitsuan. Hemen porrot eginez gero non irabazi? Zure lurra maite ez baduzu ez duzu ezer maitagarririk topatuko urruneko kostalde batean. Azken ilunsentia maite ezean, zer dago irudietan edo harribitxietan? I seek the present time, No other clime, Life in to-day,— Not to sail another way,— To Paris or to Rome, Or farther still from home. That man, whoe'er he is, Lives but a moral death Whose life is not coeval With his breath. […] What are deeds done Away from home? What the best essay On the Ruins of Rome? […] The dusty highways, What Scripture says, This pleasant weather, And all else together, The river's meander, All things, in short, Forbid me to wander In deed or in thought. In cold or in drouth, Not seek the sunny South, But make my whole tour In the sunny present hour. For here if thou fail, Where can'st thou prevail? If you love not Your own land most, You'll find nothing lovely On a distant coast. If you love not The latest sunset, What is there in pictures Or old gems set? Walden laku ertzeko maldatxo baten gainean bi urte eta bi hilabetez bizi zen Thoreau, berak egindako etxetxoan, nahiz eta batzuetan gurasoen eta lagunen etxean afaldu. Uztailaren 4rean etorri eta irailaren 6an joan zen. Bertan bizi zelarik, bi liburu eta hainbat hitzaldi idatzi zituen. Gero bere laguna eta maisua Ralph Waldo Emerson-en etxea eta familia zaintzera joan zen, Emersonek atzerrian hitzaldiak ematen zituen bitartean. Thoreau joan eta gero, lakuko etxolak urte batzuk iraun zituen zutik baina hutsik. 7. Maldan gora altxatu dut soa eta bertan xut etxola: herdoilak eta huntzak jan dute. Hala ere, ez dakit nola ez den erori, ezen etxea aspaldi hutsik baitago, eta begirada joan egin zait sinbolotik haratago zein eskasa den literatura pentsatzera: idazleek orduak eta orduak eman eta gero, bakar batek bakarrik lortuko du loria, urritasuna nagusi, eta zein azkar ahaztuko den liburua eta guzti. Baina hori ez da guztiz egia egia erdia baizik: etxola ondoko haritza ere bertan ikusi dut zutik, argi berdea adar puntetan. Hosto berriek bizitza oparoa iragatzen dute: bertan ere dago hitza. Sinboloak bilatzeko grina (hain gurea den gura hau) zorionez ez da inoiz gelditzen: poesiak salbatu nau. Uphill I raise my eyes And see the little house upright— Eaten by ivy and rust. Still I don’t know How it hasn’t fallen, since the house Has been empty for years now, And my gaze is gone From this symbol to beyond— Why, what a meagre thing Literature is: writers Putting hour after hour of work And after all that, only one Will be succesful, you know— The scarcity of success, And how fast it will be gone With the books and all. Yet that is not the whole truth But half of it: By the little house an oak tree Standing up I have seen— Green light its branches and buds. New leaves life A plenty announce— And the word is there, too. This longing to find a symbol (Such a will that is so ours) Keeps moving without end— And poetry saves me again. Hitzaldiak emanez sosa batzuk irabazten zituen Thoreauk ere. Hitzaldi horien artean, “Sagar basatiak” (Wild Apples) izeneko bat dago. Sagarren historia eta kultura gaitzat hartuta, bertan kontu asko aipatzen ditu Thoreauk. Batzuk berak ikusitakoak, beste batzuk liburuetan ikasiak. Adibidez, Alberto Handia filosofo eta apezpiku katolikoak jaso omen zuen honako bitxikeria hau, sagarroi edo trikuari buruz. Antza, trikuak lurrean eroritako sagarrak topatzen dituenean, txiribueltak egiten omen ditu sagarren gainean, bere arantzetan zintzilik eraman ahal izateko. 8. Liburu zaharrek esaten dute trikuak holakoetan sagarra etxera eramaten du zintzilik bere arantzetan bere gainean zilipurdika edo jira eta bira trikutxoek jan ditzaten dabil sagarrak baldin badira. I learn from Topsell’s Gesner, whose authority appears to be Albertus, that the following is the way in which the hedge-hog collects and carries home his apples. He says,—“His meat is apples, worms, or grapes: when he findeth apples or grapes on the earth, he rolleth himself upon them, until he have filled all his prickles, and then carrieth them home to his den, never bearing above one in his mouth; and if it fortune that one of them fall off by the way, he likewise shaketh off all the residue, and walloweth upon them afresh, until they be all settled upon his back again. So, forth he goeth, making a noise like a cart-wheel; and if he have any young ones in his nest, they pull off his load wherewithal he is loaded, eating thereof what they please, and laying up the residue for the time to come.” Animalietaz idatzi zuen Thoreauk, baina baita txoriei buruz ere. Ibaian topatzen zituen txoriak, eta itsas ertzean ere bai. Mendiak eta tontorrak bere filosofia eta etika irakasleak zirela esaten zuen. Ameriketako natiboak edo “indioak” estimatzen lehenengoetako bat izan zen, beren hizkuntza eta ohiturak ikasteko gogo bizia zuen. Politikaz ere idatzi zuen, paisaiaz, eta urtaroen igarotzeaz. Hona hemen udaberriari buruzko beste poema bat. 9. Xoxo bat, hiru bele adar biluzietan berdez eta poliki janzten ari den maldan; habigintzan sortu den higiezinen boom hau gure bizilagunak moztutako adaxkak birziklatzeko asmo garbiaz etorri da, eta kimuak nonahi zerbaiten esperoan isilik eta ernai. Gelditasun une hau bada zerbait esan nahi duen isilunea, bat-batean paisaia baino gehiago dena: bizi den misterioaren dardara dago bertan, barruan daramadan mundu urruti batean, barruan daramazun mundu urruti batean, barruan daramagun mundu urruti batean. A blackbird, three crows on the bare branches In a slope that is slowly getting dressed in green— Nest building was the origin of this rise in real estate By using the branches our neighbor just cut It speaks of its clear intention to recycle, And the buds are everywhere waiting for something, Still yet awake. This moment of silence, A silence that means to say something, It suddenly is more than landscape— There’s in it the beat of a living mistery In such a far away world I have inside, In such a far away world you have inside, In such a far away world we have inside. Trena entzuten zuen Thoreauk Waldeneko bere etxetik. Oraindik ere hortik, laku ertzetik, pasatzen baita Boston-Fitchburg trenbidea. Baina 19. mendean beste trenbide mota bat igaro zen Concordetik: The Underground Railway, “lurpeko trenbidea”, Hegoaldetik ihes egindako esklabu beltzak laguntzeko lagun sarea, alegia. Etxez etxe laguntzen zieten iheslariei, gauez iparralderako eta askatasunerako bidea salbu egin dezaten. Thoreauren etxetxoa izan zen trenbide horren geltoki bat. Bere familia esklabutzaren kontrako aktibistak ziren eta, Emersonen etxea utzitakoan, beraiekin joan zen bizitzera. Henry David Thoreau 1862an hil zen, 44 urte zituela, tuberkulosiak jota, bere familia eta lagunez inguraturik. Amaitu aurretik, “indioa” eta “altzea” hitzak ahoskatu omen zituen. 10. Nire pentsamenduak ez dira hilko, zeren lehortea etorri arren zeruaren urdina ez baita inoiz kixkali. Zerua ez da zimeltzen, ez da lehortzen, handik begi orok uzta bildu arren ez da agortzen. Nire begiak dira nire artaldeak, mendiak dira nire uzta. Nire artaldeak ez dira galduko, eguna gora eta behera ibiltzekoak baitira, harat-honat azken argi izpiekin ibili arren gaua etorri eta etxeratu dira. I do not fear my thoughts will die For never yet it was so dry As to scorch the azure of the sky. It knows no withering & no drought Though all eyes crop it ne'er gives out My eyes my flocks are Mountains my crops. I do not fear my flocks will stray For they were made to roam the day For they can wander with the latest light Yet be at home at night. Gaua dator eta etxeratzeko tenorea dugu; hauxe epilogoa. Poema txar hauek zer edo zer ikasteko balio izan digutela espero dugu. Esate baterako, Thoreau oraindik bizirik dagoela, nola edo hala, poeta txarra izan arren; trikuek arantzak erabiltzen dituztela guk erosketarako poltsa erabiltzen dugun moduan; lau urteko haurrak eskolara oinez joan daitezkeela; Walden lakua uste baino gertuago daukagula; edo 19., 20. eta 21. mendeko sasipoetak ez garela hain ezberdinak; kontrakoa frogatu arte, poeta txarrak gara guztiok. Esan bezala, hemen irakurri diren lau poema ez dira Thoreaurenak. Lehenengoa Robinson Jeffers-en“The Beauty of Things” poemaren nire bertsioa da. Hirugarrena eta zazpigarrena nik idatziak dira. Zortzigarren poema Thoreaurena da, baina jatorriz prosan idatzia, eta Jon Altuna Iza “Oxan”en laguntzaz zortziko handian moldatua. Bederatzigarren poemak Miguel d’Ors-en Manzanas robadas liburuari zor dio bukaera. Hori guztia Andoni Tolosak jarritako soinu bandaren gainean , eta Iñaki Armendarizek gitarrarekin lagunduta, Alkizako Ur Mara museoan aurkeztu zen 2018ko irailaren 15ean. Denon izenean, eskerrik asko eta hurrengora arte.
Nekropolian, Don Inorrez Momiak atera dira paseatzera mugiro bila dabiltza nekropolian mugiro bia nekropolian Auzoak hustu ziren mende hasieran Inditex izurriteak eraginda turistak dira ugaztun berriak Kanpaiak entzuten dira hiriaren bestaldean hileta-martxa atsegin bat Jende desegokia, toki egokian mugiro bila dabiltza nekropolian Kanpaiak entzuten dira hiriaren bestaldean hileta-martxa atsegin bat hiriaren bestaldean Momiak atera dira paseatzera mugiro bila dabiltza nekropolian Eboluzioaren teoriaren arabera, Homoa ez da beti Sapiens izan. Hori baino lehen, eta Australopithecusaren garai urrunetatik hasita, beste hamaika deitura bitxi ere ukan ditu. Ez noa, noski, historia goitik behera azaltzera, baina komeni da argitzea Sapiens izendapena —ezagueraren edo jakitatearen labela, alegia— giza espezie modernoaren jaiotza zedarritzeko aitzakia sinple bat besterik ez dela, eta ez duela baitezpadako loturarik espezie osoaren benetako izaerarekin. Nola ulertu bestela, Homo Sapiens-Sapiensak eta Homo Artaburu-Artaburuak patroi genetiko, antropologiko eta kasik politiko berberekoak izatea gaur egun. Aipa dezagun horren harira, Sapiens-Sapiensaren funtsezko kontraesan hori Grezia klasikoko homo ero batek jarri zuela agerian, eta ez zela preseski Homero izan. Homerok, gehientsuenok jakingo duzuen bezala, nahiko lan izan zuelako odisea luze batetik onik ateratzen. Homo ero diot, eta ez adibidez homo intelektual, batetik, pitoa izan behar delako gero, demokraziaren aurka aritzeko, non eta demokrazia asmatu zutenen joko-zelaian eta hoolligan guztien aurrean. Eta bestetik, batere zentzu logikorik ez duen axioma bat proposatu zuelako egia objektiboak bilatzeko metodo gisa eta sapientzia sublimeenaren etsenplu. “Nik dakidan gauza bakarra da, ez dakidala ezer”, bota zuen tipoak ziplo, dizipulu guztiak apunteak hartzen ari ziren batean. Eta halere, eskola sortu zuen, aizue. Delako ero ezjakina gaurdaino izan da gogoratua. Hura, hortaz, ezjakintasunaz kexu, eta XX. mendeko Homo Sapiens-Sapiensik burutsuena, berriz, jakitateari berari garrantzia kendu nahian. Ez dut izenik esango, baina imajina ezazue tipo kalpar harro bibotedun bat, arbelean e=mc2 idatzi ondoren, umemoko bihurriek bezala mingaina luze atera, eta batere ironia sokratikorik gabe, honoko hau esaten: “Edozein babok jakin dezake. Gakoa ulertzea da”. Alegia, Bilboko kafetegi dotore batean sartu, mesedez eta silabak ongi ahoskatuz kafesne bat eskatu, eta “no entiendo” esaten dizutenean bezala. Nabarmendu dezagun, halaber, homo megainteligente horrek, logikoa denez, jenio ikaragarri bizia zuela, edo euskara jatorrean esanda, sekulako aiurria, eta aho-bilorik gabe, gordin baino gordinago larderiatzen zituela larderiatu beharrekoak, bere aurrean aita santua bera paratuko bazitzaion ere. Erran nahi baita, “nire uste apalean”, edo “beharbada oker nengoke baina”, edo antzeko manera oneko formula leungarririk erabili gabe, beti tinko eta zuzen, nahiz eta, paradoxikoki, erlatibitatearen aita dela esaten den. Jarraian datorren esaldia ere berea da: “Bi gauza dira mugagabeak edo infinituak. Bat, giza ergelkeria, eta bi, unibertsoa; eta bigarrenaz ez nago horren ziur”. Ez nuke esan gabe utzi nahi, gizaki moderno bilakatzeko bide horretan, primateen ordenako bi genero-edo kondenatu zirela ostrazismora. Batetik, Homo Habilis delakoa, espezie gisa ageri zaiguna, baina paleogenetista askoren ustez, homo-z aparteko beste genero batean sailkatu beharko litzatekeena. Eta bestetik, jakina, genero femeninoa. Eta bigarren kontu honetaz, aitor dezadan azkar-azkar, gehiegi lokaztu gabe eta bitxikeria gisa, askoz argibide hobeak dakartzala King Kong teoriak, gure eboluzioaren gaineko beste edozein teoriak baino. Huskeria dirudi, baina nahaspila latza da ni naizen homo artaburu honentzat. Orain ez baitakit gorilak garen, ala moroak garen, behe-laino artean. Eta lehentxeago aipatu dudan Homo Habilis delakoaz, esan, inguruko baliabideak partekatu nahi izan ez zuelako bidali zuela Homo Erectusak zakurraren ipurdira, jada Pleistozenoan. Oso jatorra, oso aparta, lanabesak asmatzen ere ikaragarri iaioa, baina utikan Homo Habilisa. Horra hor, garai postmodernootaraino heldu den leitmotivik behinena. Horra hor, eboluzioa eboluzio, sapientzia kasik itzalean uzteraino nabarmendu zaigun ezaugarria: gure ongizatea, besteen iraupenaren bizkar antolatzeko sena. Oportunismoa. Errautsen argia, Don Inorrez Zimiko bat izaten da, tximista bat begien artean; gero urteen osinean amiltzen naiz argi zuri batek kopetan jo arte. Eta orduan oroitzen naiz, eta hiltzen naiz. Oroitzen naizenean hiltzen naiz. Bihotz jauzi bat izaten da, erresumina garondo erdian gero dirdai bizi bat sartzen zait buruan, eta ahiturik uzten nau iraganean. Eta orduan oroitzen naiz, eta hiltzen naiz. Oroitzen naizenean hiltzen naiz. Pello Lizarralde Tira. Ez dezagun dramara jo. Garbi dagoena da, kontraesan handi baten gainean dagoela eraikia sapienstasuna. Eta garbi dagoena da, bestalde, gizaki moderno deitzen den horrek urrats askoz ere azkarragoa daramala beste edozein arbaso hominidok baino. Airoso doa eboluzioan barrena, arin baino arinago, ziztu bizian alajaina, bidean gurutzatzen dituen gainerako espezie guztiak barregarri utziz, eta erdiko hatza homo erectusa bera baino tenteago jarriz. Egia esan behar bada, ez sinestekoa da hartu duen abiadura. Lehen milaka urte behar zituen tokian, orain, pare bat hamarraldi eta to, Homo Sapiensak beste zedarri bat ipini du denboraren lerroan, eta ziurrenik, geruza berri bat Zumaiako Flyschean. Homo Sapiensa Homo Whatsappiens bihurtu da bat-batean. Jada ez du jakituria handirik behar aurrera egiteko. Aski du, komeni denean Wikipedian begiratu. Jakitea, izan ere, zama da garaiotan, zorro bete harri noranahi eraman beharra bezain astun. Areago. Jakitea aberrazioa da, eta kurioski, baita giza eskubideen aurka joan litekeen zerbait ere. Galdetu bestela Navarra Sumako ekuazioaren barruan sartzen diren homoei, zergatik ari diren lingua navarroruma Nafarroako eskoletan irakastea eragozten. Zer arraroa euskararik gabe Nafarroa, abestu zuen orain ez aspaldi homo gazte histrioniko batek. Baina ez. Zer diote batuketa kenketaz ebazten duten apologista matematikazale berri horiek? “Etorkizuna ez jakitea da. Etorkizuna kontu horiek behin betiko alboratzea da eta bestela ez da etorkizunik izango zuentzat, hombre ya está bien”. Pin eta pan piper-poto sakratuaren izenean, eta kito. Akabo Homo Artaburu-artaburuen eskubideak errespetatzen ez dituzten Homo Sapiens-sapiensen inposaketak. Ignorantzia da berdinduko gaituena. Eta ignorantzia horren alde dagoen justizia inpartzialari dagokio berdintasun arlote hori bermatzea. Adibide honi tiraka, eta apur bat gehixeago zehaztuz, hortaz, nabarmendu dezagun adarretatik joan gabe, kontua ez dela jakin ala ez jakin. Baizik eta ZER jakin. WHATsappiens. Eta zer demontre da Homo whatsappiensak behar duena, jakituria atzean utzi badu edo jakingarri jakin batzuk interesatzen ez bazaizkio? Zer da Eboluzioaren AHTa hartu duen gizaki horrek eskatzen duena? Bada, sarea. Komunikatzeko, kontsultarako, segurtasunerako, kontrolerako, lanerako, aisiarako, ostiarena jotzeko, bullingerako, denetarako, sarea, sarea eta sarea. Horixe da oroz gainetik behar duena. Baina ez pentsa horren originala denik edo gaur-gaurko nobedadea denik ere. Badirelako gutxienez bi mila urte, sarearen aldarrikapena eskubide unibertsal gisa airean dantzan dabilela. Jesus ene, eskritura zaharretan ere ageri da-eta. Begira zer dioen Bibliak, beren-berengi: “Eman gizonari arrain bat, eta egun bateko jana izango du. Emaiozu sarea eta arrantzan ikasiko du”. Eta eman zitzaion. Berandutxo, baina eman egin zitzaion. Eman zitzaizkion, sare sozialak. Eta geroztik ozeano zabalean ematen du eguna, gehienetan arrantzan, eta batzuetan, edo uste baino askoz gehiagotan, arrantzaka. Memeak dira bere mementoko arraina, komeni bezala multiplikatzen ditu gainera. Izan ere, gure homo sasijainkotxoak klik zirtzil batez lor lezake lehen mirari hutsez baizik gerta ezin zitekeena, alegia multiplikazioa, nahiz eta gaur egun, oso alimalekoa denean behintzat, biralizazio esaten zaion, izurriteekin zerikusirik ez izanagatik ere. Dagoeneko hiztegia behar bezala erabiltzen ere ez dakielako izango da, agian. Batek daki. Homo berria hitz bakarrean definitu beharko banu, plastikoa dela esango nuke. Eta arrazoi bat baino gehiago neukake hautu hori justifikatzeko. Esate baterako, delako elementua zopetan ere azaltzen zaigulako, eta jaten duguna garelako. Baina jo dezagun argudio begi-bistakoenez harago. Homo berria plastikoa da, inoiz baino malguagoa delako. Hain da malgua, hainbestekoa du plastikotasuna, ezen, plastikoaren inbasioaren errudun eta biktima izateaz gainera, homo eta jainko izan litekeela lehentxeago esan bezala, edo turista eta bertako, hurbil eta arrotz, doninorrez eta san handiuste... eta dena aldi berean... Garai postmodernoan, Don Inorrez Garai postmodernoan Sozialista eta liberal biak aldi berean Garai postmodernoan Komunista eta kontsumista ateo eta elizkoi sozialista eta liberal dena aldi berean Gero eta gehiago dira ustel-jatorrak politikoki zuzenak Garai postmodernoan Gure aita Homo Sapiensa zen. Zehatzago esanda, sarda sozialak sare tekno-pelagikorik gabe batzen ziren garaikoa. Paper-fabrika batean aritu zen lanean, bazterrak kirasten eta kirasten, burutik ezin kendu diren abestien gisan, buklean. San Panfletok agintzen zuen garaiko proletarioa izanik, goiz, arrats eta gaueko lanaldiak txandakatu behar izan zituen ia berrogeita hamar urtean. Ikaragarri zekien zelulosaren kalitateaz, ibaia urdin edo arrosa kolorez tindatzen duten prozesuez, paper-bobinak metatzeko sistemez edo patronalaren potroez, eta noski, ezer gutxi sare bidezko arrantzaz. Baina bizi izan balitz, ziur naiz azkar baino lehen helduko ziokeela garai berriotako amuari. Izango zatekeen, influentzerra, edo twitterren epelak esanda hartzen duena plazera. Eta izango zukeen kanala YouTuben, like asko Snapchaten eta espazio bat ETBn, noren eta Felix Linaresen aldamenen. Gure aitak bazuelako egundoko etorria. Eta eboluzionatzeko egarria. Eta bazuelako izaki malgu eta kontraesankorren artean kamuflatzeko dohaina, fabrikako ordu estrak amaitzen zituenean. Ez dakit ez ote zen bera ere, hain justu, denborei aurrea hartutako homo whatsappiens bat... Izan ere, zer whatsappiensago, Sapiensaren txiste merkeak kuadrillakoen poteoan errepikatzeari utzi, eta eguneko perla, eguneko pizgarri filosofikoa, txio batek iraun dezakeen luzeran sintetizatzea baino... Behin, otordu oparo eta jendetsu horietariko baten postrean gazta mahairatu zigutenean, esan zigun bere hizkuntzan: “Lo mejor del queso, el membrillo”. To. Apeta txoroa dirudi. Edo modu literario klasikoago batean esanda, Whatsappiensaren gauerdiko eztula. Niri, ordea, Homo Euskarienseari buruz ari zela iruditu zitzaidan, hau da, euskalduna Bilboko jauregi baten izena baino gehiago dela frogatu behar izaten duen populuaz ari zela. Eta esango didazue ez duela ez hanka eta ez ipurdi. Edo gazta zati batekin nire pelikula egin nuela, beste Maia bateko tipo batek egin zuen moduan. Baina gauza bat esango dizuet nire hipotesiaren alde: gaztak eta euskara parekatzea, euskaragatik gaztakoak hartzea bezain tradizio handikoa izan da azken mende pasatxoan, eta ez soilik Idiazabalen. Baita, demagun, nire bizitoki Hendaian ere. Duela gutxi arte, esate baterako, kaleko afixa handi batekin egiten nuen estropezu, ia goizero. Hendaiako bide-bazterrik estrategikoenean zegoen jarrita. Alegia, nire moduko despistatuak ez ezik, gizakiak paseatzen dituzten zakurrak, hondartza-inbaditzaileak, eta oro har, jitoan mugitzen diren turista saldoak joan-etorrian harrapatzeko moduan. Kurioski, afixa horretatik oso metro eskasetara dagoen etxe batean bizi izan omen zen erbesteratuta, Migel Unamunokoa, bakardade argigarriaren bila aritu zena, eta beharbada horregatik, diot nik, argitasun horretan tematu zelako hain zuzen, euskara bonbilla batekin nahastu zuena, zaharkitze programatua besterik ez baitzion aplikatu nahi izan. Nahi zion, eutanasiaren gisako zerbait ezarri, eta nahi zuen homo euskariensea bere buruaz beste egitera behartu, ez ziolako garai modernoetarako erabilgarritasunik ez malgutasunik ikusten. Esan dezagun Unamunoren defentsan, halakorik ez ikustea, hein batean behintzat, normala izan zitekeela, gehiegizko argitasunak itsutu egiten baitu. Orduan ez zuten jakingo gaur dakiguna: eklipseei erreparatzeko ere betaurreko bereziak behar izaten direla. Baina joan gara berriro adarretatik, esplikatu beharrekoak ondo esplikatu gabe lagata. Kaleko afixa bati buruz ari ginen. Ba, delako afixak, gogoan dudanez, Irati aldeko ardi gasna bikain bat zuen ageri, holaxe aurkeztuta: “Le fromage qui parle basque”. Nik, egia esan behar bada, gauza handirik ez dakit artaldeez edo jatorri-izendapenez, eta are gutxiago %100 Basque deritzen aferez. Baina handik igarotzen nintzen bakoitzean, Itxaro-penaren Bordan nintzela iruditzen zitzaidan. Zeren eta, bada marka, esaten nuen nik nire kolkorako: hain zaila, hain bihurra, hain artifiziala eta hain urruna omen gaurko euskara batzuen ustez, eta horra, materia grisik gabeko elementu batek, tak: azalaz eta mamiz, euskara, eder eta natural. Ez aparteko konplexurik, ez ofizialtasun mugarik, ez chauvinistekin talkarik, ez suprefetaren baimen beharrik, ez bazterkeria salaketarik, ez bestelako betiko folklorerik ere. Ezin uka garrantzia. Ezin uka, gertaerak aurreikuspen eta uste guztiak apurtzen zituenik. Ziur nago, euskararen sustapen-lanetan dabilen bati baino gehiagori zerbaitek krak egingo ziola bihotzean, inventariuma egitean. Eta hiru arrazoi emango ditut horretarako. Batetik, euskaraz mintzo ziren gazta horiek ez zirelako gaur behin eta berriz aipatzen diren arnas-gune edo arigune horietako batetik atereak; kontrara, gure aitak fabrikatzen zuen papera bezain industrialak zirelako. Alegia, euskarari historikoki ukatu izan zaion esparrukoak, ez Txomin Agirreneako garo artean sortuak edo Urepeleko artzainaren mendi-hegaletan gorakoak. Bigarrenik, turismoari edo bederen besteei zuzendutako produktua izanik ere, hizkuntzak definitzen zituelako, eta ez Pays Basque delakoak, zeinak, bide batez esanda, Euskadik edo Basque Country ospetsuak bezainbeste mutilatzen duen. Eta hirugarrenik, noski, iragarkiak zekarren informazio begi-bistakoenarengatik. Gaztak zirelako. Hortaz, ez gorila eta ez moro, gaztak gara beheeeeeee-laino artean, eta orain horretara dauzkagu egokitu beharra, bai gure estereotipoa, bai eta gure kantutegia ere. Aitorren hizkuntz zaharra nahi degulako zabaldu oraindik ere, baina munduaren aurrean gizonki azaldu behar izan gabe. Nolanahi dela ere, gu gazta bagara, zer da orduan menbrilloa? Zer da gailentzen zaigun elementu gozo likatsu hori? Gure merituak bereganatzen dituen aprobetxategia da, ala akatsak estaltzera datorren edulkoratzailea? Tamalez, sinonimo argi bat eman baino lehen joan zen aita, bere aforismoak, bere lo mejor del queso el menbrillo delakoak eragin zidan dardara airean utzita. Baina ez nuke haria aske utzi nahi. Bertsolariek erantzun hoberik asmatzen ez badigute behintzat, eman dezagun erantzuna norberaren araberakoa dela. Eman dezagun, menbrilloa zirkunstantziala dela, baldintzatzen nauen bizipena dela, eta gaztago egiten nauena. Eman dezagun, pentsalari baten esaldia nire eginez, ni naizela ni eta nire menbrilloa. Dardara hura, Don Inorrez Han ginen, aita, senideok; joan zinenean utzitako baratzera bilduak. Leuna eta gozoa zen haizea, bizia belar berriaren usaina. Eta bat-batean isildu egin ginen. Zu al zinen, aita, airean zebilen dardara hura? Zu al zinen? Han ginen, aita, hitzik gabe, Zuk ukituak zenituen haiek ukitzeko beldurrez. Lanabesak, altzariak, harria… Denak egunen joanak izoztuta. Begiak jaso genituen orduan. Zu al zinen, aita, Airean zebilen dardara hura? Zu al zinen? Pello Lizarralde Gazta gara. Superfizie handietan, zatikatuta, hutsean plastifikatuta eta hotzean kontserbatu ohi den jenero batekoak, alegia. Eta j-z idazten den jeneroak eta g-z idazten den generoak funtsean zerikusirik ez duten arren, ekidinezina zaigu alderaketa. Gogora dezagun Pleistozenoan gertatutakoa. Gogora dezagun Homo Habilisa; paleogenetista askoren ustez homo-z aparteko genero bat osatu beharko lukeena; eta, oso jatorra, oso aparta, oso trebea, baina Homo Erectusak eboluzioaren lerrotik utikan bidali zuena, baliabideak ez partekatzearren. Garai posmodernootako Homo Habilisa ote da euskaraz mintzo den homoa? Batzuek esango digute, zalantzarik gabe ezetz. Ez dela negarti alarmista izan behar. Eta beste batzuek aldiz, esango digute baietz. Zalantzarik gabe baietz. Bagarela. Pleistozenoko Homo Habilisaren patu txarra ari garela tentatzen. Eta zergatik? Ba, kurioski, hemen ere, letra baten dantzagatik. Zehatzago esanda, bokal batengatik. GAZTA ez delako GAZTE. Eta gezurra dirudi E minuskula ziztrin ezdeus batek nola alda dezakeen panorama, nola itzulipurdika dezakeen etorkizuna. Baina momentuz, gazteak, oro har, ez darabil euskararik bere egunerokoan, eta hortaz, GAZTEA ez da GAZTA, eta kontraesan itzela da, gaztea GAZTA-ARO betean bizi baita. Kontraesanak kontraesan, ezin uka, gazta gaztetzen ez bada, eta era berean gaztea gaztantzen, ez gabiltzala oso oker etorkizun ez urrun batean gaztarenak egingo duela esanda. Baina zer da bi letra zirtzilek osatzen duten aho-korapiloa, debeku guztien gainetik irautea, zahartze programatuari aurre egitea, h-aren gaineko kalapitak gainditzea eta euskara estandarra definitzea, puntueus domeinua martxan jartzea, Whatsappiensaren abiaduran atzean ez gelditzea edota adimen artifizialean oinarritutako itzultzaile automatiko bat plazaratzea lortu eta gero. Zer ote da bokal minuskula baten dantza... Bilbo aldeko olerkari Sapiens-Sapiens batek ere, justuki, A eta Eren alternantzian oinarritu zuen bere obrarik ezagunena. Eta hartara noa ni zuzen, HARRIak eta HERRIak izenburutik batu zituen olerki-liburu horretara, eta zehazki, aitaren ondarea aipatzen duen orrira, GAZTEN eta GAZTEEN arteko erlazio iheskorra ulertzen lagunduko didalakoan. Eta otutzen zait, poemak dakarren profezia gureari aplikatuta, Galduko duela, ergatiboa, hitanoa, aditz trinkoa. Galduko duela, tz-ren ahoskera, berezko doinua, legezko hiztegia eta joskera jatorra. Baina gaztaren etxeak iraunen duela zutik. Eta zer-nolako bermea daukat nik, hementxe alaitsu eta kementsu agertzeko eta etorkizunean zutik eta indarrean iraunen duela baieztatzeko... Ba hizkuntzak berak ematen didan bermea. Gaztearen aroa gaztaroa den bezala, gaztaren etxea gaztetxea delako, nagusiki hamaika bider eta azkar-azkar errepikatzen baldin bada. Egin aproba: gazta-etxea, gazta-etxea, gaztaetxea, gaztaetxea, gaztetxea... Homo euskarienseak Whatsappiensaren garaian bizi duen dilema argitzeko eta etorkizuna igartzeko aski ote den ? Nire uste harroan, bai. Baina auskalo. Auskalopitekus bat besterik ez naiz, nire behe-lainoa noiz saretuko zain.
Ahotsen uhartea Keola Kalamakeren alabarekin ezkonduta zegoen. Kalamake Molokaiko jakintsua zen eta hirurak elkarrekin bizi ziren. Ez zegoen Keolaren aitaginarreba baino gizon jakintsuagorik; izarren seinaleak irakurtzen zituen; hildakoen eta jaioberri gaiztoen gorputzen bidez igartzen zuen etorkizuna; mendietara, duendeen lurretara, abiatuz asaba zaharren izpirituak harrapatzeko tresnak jartzeko bildurrik ez zuen. Horregatik, Kalamake Hawai guztiko gizon kontsultatuena zen. Jende zintzoek erosi, saldu, eta ezkontzen zirenean bere bizia Kalamakeren aholkuen bidez zuzentzen zuten; horregatik Errege berberak ere bi aldiz deitu zion Konara joateko, Kamehameharen altxorra aurkitzeko asmoz. Ez zegoen, ezta, Kalamake baino gizon beldurgarriagorik; bere etsai batzuk sorginkerien bidez hilak izan ziren, gaitzak janda; beste batzuk desagertu egin ziren, eta beren izpirituak eta gorpuak ez ziren inoiz aurkitu. Esaten dutenez, aintzinako heroien jakituria eta artea zuen. Pertsona batzuek mendietan harkaitz batetik bestera jauzika, eta beren burua eta sorbaldak zuhaitzen gainetik ikusia zuten, erraldoi bat balitzan. Kalamake itxura arraroko gizona zen. Molokai eta Mauiko sendi hoberenen ondorengo, etorki garbikoa, gizon haren itxura edozein atzerritarrarena baino txuriagoa zen: ilea belar lehorren kolorekoa, eta bere begiak gorrizkak eta itsutuak. Horregatik, uharte guztian esaera hau erabiltzen zen: “Etorkizuna ikusi lezakeen Kalamake bezalako itsuak”. Keolak bere aitaginarrebaren ekintzetaz bazekien zerbait, herriak esaten zuena, eta beste zerbait susmatzen zuen, baina ondorena ez zuen ezagutzen. Keola gauza batek haserretzen zuen: Kalamakek ezer ez zuela aurreratzen, ez jateko, ez edateko, ez jazteko, eta bere kontuak dolar berri dirdiratsuekin ordaintzen zituela. Zortzi Irletan beste esaera hau entzun zitekeen: “Kalamakeren dolarrak bezain dirdiratsu”. Inork ez daki nondik zetozen zilarrezko txanpon haiek, ez baitzen salmentetan ibiltzen, ez ereintzen, eta gutxitan kobratzen zuen bere sorginkeriengatik. Egun batean Keolaren emaztea Kaunaka kaira joan zen, toki hartako gizonezko guztiak arrantzan zeuden bitartean. Baina Keola, alferra izanik, etxean geratu zen, etzanda, uhinek kostaldea nola jotzen zuten eta harkaitzen gainetik hegan zebiltzan txoriei begira. Beti gauza bera buruan: dolar dirdiratsuak! Oheratzen zenean, ea hainbeste nola ziren galdetzen zion bere buruari, eta ea zergatik ziren hain berriak ohetik jeikitzen zenean. Galdera hauek ez zuten bere adimena bakean uzten. Baina emaztea Kaunakakaira joan zitzaion egun hartan, Keola seguru zegoen zerbait deskubritu zuela, Kalamakek altxorra gordetzen zuen tokia ezagutzera iritsi baitzen: bere lan-mahaian, etxeko egongelaren hormaren kontra, giltzapean, Kamehameha V.aren lamina baten, eta Victoria erregina koroatuaren argazki baten azpian. Aurreko gauean mahaiko tiradera aztertua zuen, eta han aurkitutako zorroa hutsik zegoen! Egun berean itsasontzia iristekoa zen. Urrunean, itsasontziaren tximinia ageri zen. Laster ailegatzeko zegoen hilero Kalamakek hartzen zituen merkantziekin: izokin enlatatua, ginebra eta mota guztitako gauza arraro eta luxuzkoak. Honela pentsatzen zuen Keolak: “Nire aitaginarrebak merkantzia gutzi horiek erosten baditu, ziur egongo naiz sorgina dela, eta bere dolarrak deabruaren poltsatik datozela”. Keola hau pentsatzen zegoen bitartean, bere aitaginarreba iritsi zen haserre. – Hori al da baporea? — galdetu zion Kalamakek bere suhiari. – Bai — erantzun zion Keolak —. Pelekunun gelditu ondoren hemen izango dugu. – Orduan..., ez dut beste aukerarik, zutaz fidatu beharko dut. Sar zaitez nirekin. Biak gelara sartu ziren. Oso dotorea zen gela hura, enpapelatua eta margoz apaindua; mezedora, mahai eta sofa batekin. Liburutegi bat gainera, eta gelaren erdi-erdian, mahai baten gainean, Biblia bat. Han zegoen, hormaren kontra, giltzapean, idaz-mahaia. Etxe hura aberats batena zela pentsa zitekeen. Kalamakek pertsianak behera botatzeko agindu zion Keolari, bitartean berak, ate guztiak giltzez itxiz eta idaz-mahaiko tapa irekiz, handik lepoko pare bat atera zuen, amuleto eta kontxaz horniturik, belar eta zuhaitzetako hosto lehorrekin eginiko erramu bat, eta palmondo adar berde bat. – Egitera noana mirari bat baino gehiago da. Antzinakoak jakintsuak ziren; gauza miresgarriak egiten zituzten, orain egitera noana bezalakoak; baina gauez egiten zituzten, ilunpean, izar egokien argitasunean edo basamortuan. Hori bera egin nahi dut, neure etxean eta egun argiz, ordea. Hau esan eta sofan zegoen almoadoiaren azpian ezkutatu zuen Biblia; idaz-mahaitik alfonbratxo bat atereaz eta belarrekin eta hostoekin lapikoak zuen hondarraren gainean multzo bat eginik, gizon biak, lepokoak jantzita, alfonbratxoaren alde banatara jarri ziren zutik. – Ez dugu beldurtu behar — esan zuen sorginak. Belarrei su eman eta hitzak tximiskatzen hasi zen palmondo adarrari eraginaz. Lehenik argia eskasa zen, pertsianak jaitsita baitzeuden, baina belarrak biziki piztu zirenean, sugarrak Keolaren aurpegia laster argitu zuen. Arrosa koloreko keak ematen zuen zorabioak Kalama- keren hitz arraro haiek gero eta arraroagoak biurtzen zituen. Bat-atean, zartako batek, alfonbratxoa desagertu zuen, tximista bat balitzan. Une berean gela eta etxea ere desagertu egin ziren. Arnasa falta zuela somatu zuen Keolak. Tokiz aldatuta, hondartza argitsu batean azaldu zen, eguzki dirdiratsupean, itsasoaren orro amorratuen aurrean. Keola eta sorgina alfonbraren gainean zeuden, mutu, arnasestuka, eta begiak marruskatzen. – Zer da hau? — galdetzen zuen Keolak; bere gaztetasunagatik lehendabizi suspertu baitzen heriotzaren antzeko estuasun bat sen- titu ondoren. – Ez du garrantzirik — esan zion, arnasestuka, Kalamakek —, pasatu da jadanik. – Zeruaren izenean, non gaude? – Ez zaizu ardura - ihardetsi zion aztiak —. Hemen egonik, irtenbidea gure eskuetan dugu, eta ekin behar diogu. Ni suspertzen naizen bitartean, oihanaren sarreraraino joan eta ekarri han hazten diren belar eta zuhaitzen hostoak, hiruna eskukada, eta azkar. Baporea iritsi baino lehenago etxera itzuli behar dugu. Harrigarria izango litzateke gu desagertuko bagina. Gero, Kalamake, arnasestuka, hondar gainean eseri zen. Keola, hondarra eta koral dirdiratsuz betetako hondartzan zehar zihoala bere buruari galdezka ari zitzaion: Nola daiteke nik hondartza hau ez ezagutzea? Hurrengo egunen batean kontxa hauek biltzera itzuliko naiz. Bere aurrean palmondo lerro bat zerura begira zegoen; ez ziren Zortzi Uhartetako palmondoak bezalakoak, zuzenak, alaiak eta ederrak. Haiek adar lehorrak eta urre koloreko horitasuna erakusten zituzten, zuhaitz berdeen artean. Keola pentsakor jarri zen berriro: “Harrigarria benetan! Sekula ez dut oihan hau ikusi. Egun sargorietako atseden aldietan hona itzuliko naiz”. “A zer beroa”. Hawain negua sartua baitzegoen, eta giroa freskotua. “Non daude mendi grisak, harkaitzak eta txoriak?”. Bere gogoetan jarraiki, gero eta gutxiago jabetzen zen irla non zegoen. Oihanaren sarreran, hondartzarekin bat egiten duen tokian, hasten zen belarra, baina zuhaitzak barnerago zeuden. Zuhaitzetara abiatzean, neska bat ikusi zuen, hostozko gerriko batekin; hura zuen jantzi bakarra. “Ederki — pentsatu zuen; uhartearen zati honetan jendeak ez du jazteko kontu gehiegirik”. Keola gelditu egin zen, neskak bera ikusi eta ihes egingo zuelakoan; baina neskak jaramonik ez ziola egiten ikusiz, ozenki abesten hasi zen. Neskari, harrituta, aurpegia makaldu zitzaion; hara eta hona begira, ahoa okertu zuen beldurraren beldurrez. Baina bere begirada ez zen Keolarengana zuzendu. — Egun on — esan zion Keolak —. Ez duzu zertan beldurtu; ez zaitut jango. Keola hitz egiten hasi eta bat-batean neska gazte hura iheska urrundu zen zuhaixken tartetatik. “Izateko modu harrigarria!” pentsatuz, eta zer egiten zuen jakin gabe, bere atzetik joan zen korrika Keola. Hawain ezezaguna zen hizkuntza batean zihoan garraisika neska. Hizkuntza haren hitz batzuk ulertuz, neska beste norbaitzuei deika zebilela jakin zuen Keolak. Laster, jende asko ikusi zuen korrika: gizonezkoak, emakumeak, haurrak, batzuk besteen atzetik, sute baten aurrean bezala, ikaratuak. Hau ikusi ondoren, Keola ere bildurtu zen, eta hostoak eskuan hartu eta Kalamakerengana abiatuz, gertatu zitzaion guzia kontatu zion. – Ez kasurik egin — lasaitzen zuen Kalamakek —. Guzti hau itzalez betetako amets bat da. Dena joan eta ahaztuko da. – Ematen zuenez, inork ez ninduen ikusten... – Eta horrela da — baieztatu zuen belagileak —. Gu, hemen, ikusezinak gara lepoko eta amuleto hauei esker. Baina entzuten gaituzte eta horregatik hobe da isilik ibiltzea. Alfonbraren inguruan borobil bat egin zuen harriekin, eta hostoak borobilaren erdian jarri zituen. — Zure eginkizuna zera izango da: hostoak beti piztuta mantentzea eta suari pixkanaka eustea. Hostoak sutan dauden bitartean, den- bora gutxi, nik zeregin bat dut; sua itzali baino lehen bete behar dut zeregina. Ekarri gaituen indar berberak eramango gaitu. Poxpoloa prest eduki, eta deitu Neri garaiz; bestela, sua itzaliko da, eta ni hemen geldituko naiz, betirako... Hostoek su hartu bezain laister, belagileak, orein batek bezala, harriz eginiko borobil haren gainetik saltatu zuen eta, zakur busti baten gisara, korrika hasi zen hondartzan zehar. Batzuetan hondartzako kontxatxoak hartzeko gelditzen zen. Hostoak gero eta azkarrago erretzen ziren. Keolak ez zuen eskukada bat belar baizik. Aztia urruti zebilen korrika eta jauzika. — Azkar, etor zaitez... Hostoak bukatzen hasiak dira -—oihu egin zion Keolak. Hau entzun eta Kalamake itzuli zen, eta lehen korrika bazebilen, orain hegan zetorren. Hala eta guztiz, sua hura baino azkarragoa zen, eta garra hiltzear zegoenean, jauzi handi bat eman behar izan zuen Kalamakek alfonbrara iristeko. Saltoak sortutako haizeak sua itzali zuen; hondartza, eguzkia eta itsasoa desagertu ziren; biak, berriz, tontoturik aurkitu ziren gela haren iluntasunean, pertsianak behera botata zeudelarik. Bien artean, eta alfonbra gainean, dolar dirdiratsuak zeuden pilan. Keolak, pertsianak igotzean, baporea ikusi zuen, uhinen gainean balantzaka, kaitik gertu. Gau hartan Kalamakek bost dolar eman zizkion bere suhiari. — Keola, zuhurra bazara (eta zalantza egiten dut), balkoian lo hartu duzuela eta amets egin duzula pentsatu behar duzu. Ni hitz gutxiko gizona naiz, eta kolaboratzailetzat nahiago ditut memoriarik gabekoak. Kalamakek sekula ez zuen ezer esan gertakari horiei buruz. Baina Keolari ezin zitzaion ikusi zuen fenomenoa ahaztu; eta lehen alferra bazen, ordutik aurrera ez zuen ezer egiten. “Zertarako lan egin — pentsatzen zuen bere baitan — itsasoko kontxatxoak dolar bihurtzen dituen aitaginarreba badut?” Handik gutxira, Keolak Kalamakek eman zion diru guztia gastatua zuen: jantzi dotoreak erosten hain zuzen. “Hobe izango zen kontzertina bat erosi banu, horrela egun guztian olgatuko nintzateke”. Baita Kalamake gorrotatzen hasi ere: “Gizon horrek arima beltza du; nahi duenean nahi duen aina dolar bildu lezake hondartzan, eta, aldiz, kontzertina baten desioa bete gabe uz- ten nau nire baitan. Baina kontuz ibil dadila: ez naiz haurra, bera baino maltzurragoa naiz, eta bere sekretua ezagutzen dut”. Arazo honetaz bere emazteari mintzatu zitzaion. – Nik bakean utziko nuke nire aita — esan zion Lehuak —. Bere bidea oztopatzen duenarentzat gizon arriskutsua da. – Ez zait ardura! — oihu egin zuen Keolak, behatzekin zarata atereaz —. Belarrietatik oratua dut. Nik nahi dudana egitera behartu nezake. Eta ikusi zuen guztia kontatu zion Lehuari. Baina emazteak zalantzan jartzen zuen Keolak esaten ziona. – Nahi duzuna egin zenezake — esan zuen Lehuak — baina nire aita oztopatzen hasi orduko, ziur nago desagertuko zarela, eta inoiz ez dela jakingo zure berri. Pentsa ezazu zer gerta zitzaion Urliari…, edo Sandiari; gogora zaitez Huaz, Honolulura urtero joaten zen legebiltzarkide noble hartaz: ez zuen arrastorik utzi, ez hezurrik, ez ilerik. Edo Kamau: orratza bezain argala gelditu zen, eta bere emazteak esku batez altxatzen zuen gora. Keola, zu, nire aitaren eskuetan, haur bat zara; bi behatzez hartu eta kamaroi bat bezala jango zaitu. Keola beldurturik gelditu zen; baina harroegia zen, eta emaztearen hitz hauek lehen baino gorroto handiagoa sortu zioten. – Ederki — esan zuen Keolak —, hau bada niri buruz pentsatzen duzuna, oker zabiltzala frogatuko dizut. Gero, zuzenean, aitaginarreba eserita zegoen gelara joan zen. – Kalamake — esan zion —, kontzertina bat nahi dut. – Benetan hori nahi al duzu? - galdetu zion sorginak. – Bai. Eta benetan esaten dizut kontzertina hori lortzeko edozer gauza egiteko prest nagoela. Hondartzan dolarrak biltzen dituen gizon batek kontzertina bat lor diezadake. — Ez nuen uste horrenbesteko adorerik zenuenik —komentatu zuen aztiak. Balio gabeko lotsati bat zinela uste nuen, eta pozten nau arrazoi dudala jakiteak. Orain hasi naiz konturatzen negozio zail honetan laguntzaile eta ordezko bat aurkitu dudala. Kontzertina bat? Honolulun aurki daitekeen hoberena izango duzu. Eta gaur gauean, iluntzen duenean, diru bila joango gara biok. – Hondartzara berriz? — galde egin zuen Keolak. – Ez, ez — erantzun zion Kalamakek —. Nire sekretoak hobeki ezagutzen hasi behar duzu. Azken aldian hondartzako maskorrak bil- tzen irakatsi nizun; oraingoan arrainak harrapatzen erakutsiko dizut. Pilen batela zuzentzeko indarrik ba al duzu? – Hala uste dut. Baina, zergatik ez goaz zure batelean? – Eguna argitu baino lehen ulertuko duzun arrazoi bat dut —erantzun zion Kalamakek —. Nahi dudana egiteko Pilen batela ko- menigarriagoa zait. Ideia gustatzen bazaizu, bertan elkartuko gara ilundu ondoren; bitartean ez diogu inori ezer esango, ez baitago sendia bion arazoetan nahasteko arrazoirik. Kalamaken ahotsa eztia baino goxoagoa zen, eta Keolak ozta-ozta ezkutatzen zuen bere poza. “Orain dela aste batzuk lor nezakeen nire kontzertina; munduan behar den gauza bakarra kemen pixka bat da”, pentsatu zuen. Lehua negarrez aurkitu zuen, eta dena kontatzeko gogoak heldu zion. “Ez; kontzertina erakutsi arte itxarongo dut; ikusiko dugu orduan zer esaten duen neskatxa honek. Beharbada senar azkar bat duela ikusiko du”. Ilundu bezain pronto, aitaginarrebak eta suhiak Pilen batela uretara bota zuten, eta belak zabaldu. Itsasoa haserre zegoen, eta haizeak gogor jotzen zuen; baina batela arina zen eta uhinen gainetik irristaka zihoan. Sorginak linterna bat zuen behatz batez helduta. Biak txopan eseri ziren eta zigarro batzuk erre zituzten, majiari buruz eta diruari buruz lagunartean hitz eginez. Kalamakek aita bat zirudien. Kalamake inguruetara begira hasi zen, gora, izarrei, atzera, uhartea ikusteko, itsasoan urperatua. — Begira — esan zuen —, han dago Molokai, urruti, gure atzean; eta Mauik koroa baten itxura du; izarren kokapenagatik nahi nuen lekuan gaudela dakit. Itsasoaren zati honek Hilen Itsasoa du izena, toki oso sakona da, eta hondoa giza hezurrez beterik dago; itsasoaren alde honetako zuloetan jainkosak eta duendeak bizi dira. Korrontea iparralderantz doa, eta bere indarra marrazo batek igerian erabiltzen duena baino handiagoa da. Inor uretara botaz edo eroriz gero, korronteak urrutira eramango luke, eta nekez hilko litzateke; bere hezurrak hondoan zabalduko, eta bere arima jainkosek jango lukete. Keolak, hitz hauek entzunik, beldurtu egin zen, eta izarren eta linternaren argipean, erabat aldatua ikusi zuen Kalamakeren aurpegia. – Zer gertatzen zaizu? - oihu egin zion Keolak, ahots agudo batez. – Neri ez zait ezer gertatzen — erantzun zuen sorginak —, baina hemen hiltzeko prest dagoen bat dago. Hau esan eta linterna eusten zuen eraztuna mila zatitan hautsi zen, sorginaren eskua hiru aldiz handiagoa bihurtu baitzen. Keola, hau ikusirik, garraisika hasi zen aurpegia eskuekin ezkutatuz. Baina Kalamakek, linterna altxatuz, zera esan zion: – Ikus nire aurpegia. Bere burua upela bat bezain handia zen; eta handiagotzen zihoan, mendien gainetik zabaltzen den oroi baten gisa. Keolak, bere aurrean eserita, garraisika jarraitzen zuen, batelak itsaso haserrearen uretatik irrist egiten zuen bitartean. – Eta orain — esan zion sorginak — zer pentsatzen duk kontzertinari buruz? Ez al duk nahiago flauta bat? Ez? Hori oso ondo dago. Ez nuke nahi nire familiak bere nahia hain errazki aldatzea. Baina uste dut hobe izango dela ni batel honetatik ateratzea, nire gorputza gero eta handiagoa baita, eta kontuz ibiltzen ez bagara, batela irauli egingo da. Hau esanaz, batelaren kanpotik atera zituen hankak, eta bere gorputzak handiagotzen jarraitu zuen bere tamaina normala baino hogeita hamar edo berrogei aldiz gehiago. Hondoaren gainean zutik, bere burua eta sorbaldak uraren gainean ikusten ziren, isla bat bezala; eta uhinak bere bularraren kontra kolpeka zebiltzan, harkaitz baten kontra bezala. Batela iparralderantz zihoan; baina sorginak, bere besoa luzatuz, bi behatzekin heldu eta hautsi zuen, zatiak zenbait miliatan zabalduz, gauaren iluntasunean. Keola uretan gelditu zen. — Barka eskuargia eramaten badut, baina bide luzea egin behar dut ur hauetan zehar. Lurra urruti dago, eta itsasoaren hondoa ez dago berdindua; hezurrak nire hanka azpietan sentitzen ditut. Pauso handiak emanaz urrundu zen Kalamake. Keolak, itsasoak zanpatzen zuenean, ez zuen Kalamake ikusten. Baina uhinen kopetan azalera etortzen zenean, Kalamake handia urrutian somatzen zuen, bere buruaren gainean linterna zeramala, uhinak bere bularren kontra hausten. Mundua mundu denetik, uharteak itsasoan erein zirenetik, inoiz ez zen ikusi Keola bezain gizon beldurtuagorik. Noski bazekiela igerian, baina itotzeko uretara botatzen diren zakur kumeak bezala, eta gainera ez zekien norantz jo. Une hartan bere pentsamendua sorginarengan zegoen. Kontzertinarekin oroituz lotsatu egin zen; eta itsasoaren hondoan zeuden hezurrez gogoratuz, dardarka hasi zen beldurrez. Laster, bakarrik ez zegoela sumatu zuen; gauza ilun bat zegoela bera eta izarren artean; argi bat beherago, dirdarka itzalez beteriko itsaso haren gainean. Hitz egiten entzun zuenez, oihu egin zuen bere indar guztiekin, erantzuna hartuz. Begiak itxi eta ireki ordurako, txalupa baten txopa bere buruaren gainetik agertzen zen, uhin baten gainean balantzan. Keolak indarrez oratu zuen ainguraren katea, eta laster joan zen goraka, katetik tiraka zeuden marinelengana. Txalupan ginebra eta bizkotxoak eman zizkioten, haraino nola iritsi zen, eta ea ikusi zuten argia Lae edo Kalaau itsasargietakoa zen galdetuz. Baina Keolak bazekien zuriak haurrak bezalakoak direla, eta beren istorioak sinesten dituztela soilik; horregatik, iruditu zitzaiona kontatu zien. Argiari buruz, nahiz eta Kalamakeren linternarena zela jakin, ez zuela ikusi esan zuen. Txalupa behe-irletan komerziatzen zebilen, eta Honolulura zihoan goleta bat zen. Keolaren zortetzat, gizon bat galdua zuten ekaitz batean, eta urikalduei ez zitzaien, normalki, galdera gehiegirik egiten. Bestalde, Keolak ez zuen Zortzi Uharteetan gelditzeko gogorik. Berriak azkar joaten dira mutur batetik bestera, eta gizon guztiak daude prest berri horiek eramateko. Keola Hawaiko iparraldean edo Kauko hegoaldean ezkutatzen bazen, sorginak igarri eta hilko zuen. Horregatik, itotakoaren ordez enrolatu zen txalupa hartan. Gainera, txalupa toki egokia zen beretzat. Janaria ona eta ugaria zen, bizkotxoa eta haragi gazia egunero, eta arbeja zopa, budina eta grasa astean bi aldiz; janari horrekin Keola gizendu egin zen. Kapitaina gizon ona zen, eta baita eskifaia ere. Pilotua gustura uzteko aurki zitekeen gizon zailena zen. Egunero gaizki esan eta jotzen zuen Keola, bai egiten zuenagatik, bai zerbait ez zuelako egiten. Ematen zizkion kolpeak mingarriak ziren. Eta erabiltzen zituen hitzak gusto txarrekoak, Keola bezalako familia oneko gizon batentzat. Lo egiteko une bat aurkitzen zuenean, pilotuak lokarri lodi batekin kolpeka esnatzen zuen. Keolak bizi hartara sekula ez zela egingo ikusirik, ihes egitea erabaki zuen. Hilabete bat zeramaten itsasoan, Honolulutik atera ondoren, lurra ikusi zutenean. Gau Eder izartsu bat zen, zeru argia eta itsaso barea. Haize bigun bat zebilen. Urrunean irla bat ikusten zen, palmondo lerro bat itsasoaren pare-parean. Kapitaina eta pilotua, gaueko kataloxarekin, uhartera begira zeuden; irla izendatu, eta berari buruz mintzatzen ari ziren, Keolak maneiatzen zuen lemaren ondoan. Bazirudien merkatariak sekulan hurbiltzen ez ziren uharte bat zela. Kapitainaren ustetan, lur haietan ez zen gizonik bizi; baina pilotoa ez zetorren bat kapitainarekin. – Ez nuke zentimorik emango merkataritza almanakeek esaten dutenagatik — esan zuen pilotuak -. Behin hemendik pasa nintzen “Eugenia” goletan; honelako gau bat zen. Irlatarrak suziekin arrantzan ari ziren, eta hondartzak hiri argitsu bat zirudien. – Ondo dago — erantzun zion kapitainak —. Uharte hori oso latza da; hori da garrantzitsuena. Eta itsasketa-kartak dioenez ez dago ez hondar bankorik ez azpi arriskugarririk; hurbil gintezke, bada. Txalupa uhartetik hurbil manten ezazu! — oihu egin zion Keolari; ez baitzegoen leman, kapitaina eta pilotuaren arteko elkarrizketa entzuten baizik. Kapitaina eta pilotua lotara joan ziren, Keola bakar-bakarrik utzirik, pentsati. “Uharte hau asko komeni zait, merkatariek ez dute irla honetara inguratu nahi, pilotua ere ez da horra hurbilduko. Eta Kalamake ezin da honeraino iritsi”. Hau pentsatu ondoren, uharterantz zuzendu zuen goleta. Azkenean itsasontzia lurrera urreratu zen, eta itsasoak izugarrizko zarata atera zuen ontziaren kontra. Pilotua esnatu eta bere literan eseri zen: — Zer ari zara egiten? — esan zuen orroaka — txalupa enkailatuko duzu! Pilotuak jauzi handi bat eman zuen Keolaren aldera, eta honek beste bat, bere burua itsasora botaz. Keola berriz itsasoaren azalean agertu zenean, goleta bere bide normalean zegoen eta pilotuak berberak zuzentzen zuen lema, Keola madarikatuz. Itsasoaren baretasunak beroa beroago bihurtzen zuen. Keolak ez zen marrazoen beldur, gerrian marinelen kainueta baitzeraman. Aurreraxeago, zuhaitz artean, zabalune argi bat zegoen; portu baten sarrera antzeko irekidura bat. Uhin batek jo, eta handik eraman zuen, eta bere burua palmondoz inguraturik ikusi zuen. Palmondoz Hori ikusita, harritu zen; inoiz ez zuen irla horri buruz hitz egiten entzun. Keolak uharte hartan pasatu zuen denbora bi alditan bana genezake: lehenbiziko aldia bakarrik igaro zuena; bigarrena, tribua aurkitu, eta haiekin bizi izan zen aldia. Hasieran, bizidunen bila hasi zen Keola, baina ez zuen inor aurkitu; etxe antzeko zerbait aurkitu zuen herrixka batean, eta fogoietan suaren seinaleak. Baina fogoietako errautsak hotzak zeuden, eta euriak etxeetatik kanporatuak zituen. Haizeak, bere aldetik, zerbait egina zuen: txabola batzuk lurrean zeuden. Han gelditu zen. Sua piztu; amu bat egin; arraiak jateko prestatu; eta zuhaitzetara igo eta koko berdeen zukuz edan, irlan ez baitzegoen urik. Egunak luzeak iruditzen zitzaizkion, eta gauak bildurgarriak. Koko kaskar batekin, intxaur helduen olioarekin, eta fibraz eginiko metxa batekin, lanpara bat egin zuen. Gaua iristen zenean, bere lanpara pizten zuen, bere txabolan sartu eta hurrengo goizera arte oheratzen zen. Askotan esaten zion bere buruari bere hezurrak hobe egongo zirela itsasoaren hondoan, beste jende askoren hezurrekin batera. Denbora guzti honetan uhartearen barneko aldean bizi izan zen, txabolak aintzira baten ertzean zeuden, eta han palmondoak eta arrainak ugariak ziren. Behin bakarrik abiatu zen kostaldera, baita beldurturik itzuli ere. Hondartza hark, bere maskortxoekin eta eguzki diztiratsuarekin, begiak mindu zizkion. “Ezinezkoa da - pentsatu zuen —, baina berdin dio. Eta nola jakin? Zuri hauekin ezin da inor fida; nahiz eta bidea bazekitela esan, zoriak Molokaitik hurbil ekarri gaituela esango nuke. Hau da, beharbada, nire aitaginarrebak dolarrak biltzen dituen irla”. Geroago, zuhurrago, uharteko barneko aldean gelditu zen. Hilabete beranduago, gutxi gora behera, uhartekoko bizilagunak iritsi ziren: sei batel jendez beterik. Indijena arraza fin batekoak. Bere hiz- kuntzak bazituen hitz ezagun batzuk Keolaren belarrientzat, horregatik ez zen zaila elkar ulertzea. Gainera gizonak oso begikoak ziren, eta emakumeak prest zeuden beti konplazitzeko. Keola ongi etorria emanez agurtu zuten; janaria eskaini zioten, eta etxe bat eta emakume bat eman. Baina harrigarriena zera zen: ez zutela lanera bidaltzen beste gazte guztiekin batera. Ordutik aurrerako Keolaren bizitza hiru fasetan bana daiteke: lehenbizikoa, oso triste egon zen garaia; bigarrenean nahiko alai egon zen, eta hirugarrenean munduko gizon beldurtiena bihurtu zen. Bere lehen tristuraren arrazoia, eman zioten emaztea izan zen. Keola zalantzan zegoen irla hura ote zen bere aitaginarrebarekin behin batean bisitatu zuena. Baina bere emaztearekin ez zuen horrelako zalantzarik; hura orduan beregandik iheska atera zen neskatxa zela ziur zegoen. Bere etxea, bere emaztea eta bere lagunak etsaiarengandik ihes egitearren utzi zituen; eta aurkitu zuen lekua sorginak dolarrak biltzeko erabiltzen zuena zen. Garai horretan aintzira ondoan egoten zen denbora guzian eta txabolatik urruntzen ez zen ausartzen. Pozaren arrazoia, bere bizitzaren parte honen bigarren fasea, bere emaztearengandik eta tribuko buruzagiarengandik entzundakoa izan zen. Keolak ez zuen inorekin hitz egiten, ez zen inoiz egoten ziur bere lagunekin, begizkoegiak baitziren, eta bere aitaginarreba ezagutu ondoren zuhurra izatera jo zuen. Horregatik, ez zuen ezer esan bere biziari buruz: bere izena eta Zortzi Uharteetatik zetorrela bakarrik. Honolulun erregeak zuen jauregiari buruz ere mintzatu zitzaien. Baina erantzun baino gehiago galde egiten zien, eta horregatik gauza asko jakitera iritsi zen. Orain zapaltzen zuen lurrak Ahotsen uhartea zuen izena; tribuaren jabetza zen, baina hauek beren etxeak beste irla batean zituzten, Ahotsen Irlatik hiru ordura. Toki hartan bizi ziren denbora guztian, lur emankorraren onurez, arrautza, oilo eta zerriak ekoizten; eta gauza guzti horiek rona edo tabakoaren truke ematen zieten hara iristen ziren txalupakoei. Uharte hartarantz zuzendu zen Keolak utzi zuen goleta, eta irla hartan hil zen pilotua, gizon zurien eroaldi batengatik. Goleta hura uhartera iritsi zenean, arrainen izurritearen sasoia iritsia zegoen, dena pozoituta gelditzen zen, eta inork ezer jaten bazuen erremediorik gabe hiltzen zen. Hau dena esan zioten pilotuari; honek indijenak Ahotsen Uhartera joateko batelak prestatzen ari zirela ikusi zuen; baina pilotua zuri ero bat zenez, ez zuen berak esandakoa baizik sinesten. Arrain pozoitu bat hartu, prestatu eta jan zuen, eta be- rehala hil zen. Ahotsen Uharteari dagokionez, urtearen zatirik handiena inor gabe gelditzen zen. Noizbehinka txaluparen bat hurbiltzen zitzaion kokoen almonda bila. Baina arrainen izurritearen egunetan, tribu guztia irla honetara etortzen zen. Ahotsen Uhartea izenak bazuen bere zentzua. Gau eta egun, irlaren kostaldetik, deabruen ahotsak entzuten ziren, hizkuntza ezezagunetan hitz egiten. Gau eta egun suak piztu eta itzaltzen ziren hondartzan, eta inork ezin zuen fenomeno hau ulertu. Keolak ea beste uhartean gauza berbera gertatzen zen galdetu zien, eta ezetz erantzun zioten. Suak eta ahotsak kostaldean ematen zirela bakarrik esan zioten; horregatik edonor bizi zitekeen aintzira ondoan bi mila urtez inolako molestirik izan gabe, eta kostaldean ere, deabruei minik egiten ez bazitzaien, ez zen inoiz minik hartzen. Behin bakarrik, buruzagi batek zuhaitz zati bat bota zuen ahotsa zetorren tokira, eta gau hartan palmondo batetik erori eta hil egin zen. Keolak denboraldi eder bat igaro zuen gauza hauei buruz pentsatzen. Eta buruzagi nagusiari kontatu zion behin batean horrelako irla batean egonda zegoela: – Uharte hartako oihanetan zuhaitz berezi bat hazten zen — kontatu zion Keolak —, eta deabruak zuhaitz haien hostoen bila joaten ziren. Horregatik jendeak zuhaitz guziak moztu zituen, eta horrela deabruak betirako joan ziren. Ea nolako landare zen hura galde egin zioten, baita zein zuhaitz mota zen erakutsi ere Keolak, Kalamakek berari erakutsi zion bezala. Kontua ezin sinestekoa iruditu bazitzaien ere, idea gustatu egin zitzaien. Gauero, beraien kontseiluetan, gizon zaharrak arazo honetaz mintzatzen ziren. Baina buruzagi nagusia, ausarta izanik ere, beldur zen Keolaren proposamenarekin, eta egunero gogoratzen zien zuhaitz zati bat deabru bati botatako buruzagiari gertatu zitzaiona; eta gogoeta honek gelditzen zituen denen asmoak. Keolak ez zuen zuhaitz guztiak behera botatzea lortu, baina hala eta guztiz ere, pozik zegoen. Inguruko gauzekin interesatzen eta bere burua gustora aurkitzen hasi zen irla hartan. Beste gauzen artean, emaztearekiko maiteago azaltzen zen, baita emaztearen erantzun maitea jaso ere. Egun batean, Keola txabolara iritsi eta belaunikaturik aurkitu zuen bere emaztea, negar bizian. – Zer gertatzen zain? - galde egin zion Keolak. Ezer ez zela erantzun zion emazteak. Baina gau hartan bertan, lanpararen argi ahularen pean, bere senarra esnatu zuen. Keola berehala konturatu zen triste zegoela. – Keola — esan zuen — urrera ezazu zure belarria nire ahora, inork ez gaitzan entzun. Batelak prestatzen hasi baino bi egun lehenago, kostaldera joan eta zuhaitz artean ezkutatu zaitez. Toki bat aukeratu, eta han utziko dugu janaria aurretik. Gauero, ni abesten hurbilduko naiz; gauren batean nire abestia entzuten ez baduzu, beste irlara joan garen seinale izango da, eta txokotik atera ahal izango duzu. Keola arnasa gabe gelditu zen. – Zertara dator hori? Ni ezin naiz deabruen artean bizi. Ez nazazue irla honetan bakarrik utzi! Hemendik atera behar nauzue. – Zu hemendik ez zara sekula bizirik aterako, nire jendea kanibala da, nahiz eta bere jokaera hori ezkutuan mantendu. Hemen jan nahi bazaituzte, beste uhartera txalupak agertzen direlako da, eta Donat Kimaranek frantsesekin hitz egiten du; gainera, merkatari zuri bat eta katekista bat bizi dira balkoi handia duen etxean, eta handik irlan gertatzen den guzia ikusten da. Ai, zein toki ederra! merkatariak upelak ditu irinez beterik, eta behin gerraontzi batek atrakatu zuen, eta denoi eman zizkiguten bizkotxoak eta ardoa. Ai! Keola gaixoa! Maite zaitut; nirekin etorriko bazina toki eder hartara... Keola bildurtzen hasten den garaira iristen ari gara. Hego aldeko kanibalei buruzko kontuak entzunak zituen, eta orain ezbehar hau zuen. Entzuna zuen kanibalak gizon bat jan nahi dutenean seme bat bezala zaintzen dutela hil aurretik. Bere kasoa hau zela ulertu zuen Keolak. Horregatik hasiera-hasieratik janaria, etxea eta emakumea eskeini zizkioten; eta lan egiten utzi ez. Bere etorkizunaren gain, ohean, pentsatzen ileak ere zutitu egiten zitzaizkion. Biharamunean natiboak beti bezain atsegin portatu ziren berarekin. Elkarrizketan, poema ederrak esaten, jatorduetan txantxetan, misiolari bati ere barre ateratzeko moduan. Baina Keolari ez zion ardura tribuak berarekin zuen atentzioak; natiboek ahoetan dirdarka zituzten hortzak ikusten zituen bakarrik, eta eztarrian korapilo bat egiten zitzaion. Bazkaria bukatu eta gero, Keola larrera joan zen, bere burua ezkutatzera. Hurrengo egunean ere fikzio berdina errepresentatu zuen tribuaren aurrean, eta, horregatik, bere emazteak zera esan zion: – Keola, garbi esango dizut, jaten ez baduzu, eta jatorduaren ondoren larrean ezkutatzen bazara, hilko eta erreko zaituzte. Zahar batzuen ahotatik gaixo zaudela, eta argalduko zaren zurrumurrua ateratzen hasi da. Keolak, hau entzun zuenean, jauzi bat eman eta biziki haserretu zen. – Ez zait inporta nola hiltzen nauten. Ezpatak hormaren kontra jarri nau: deabrua eta itsasoaren artean nago. Hil behar nautenez, azkar hiltzea nahiko nuke, nahiago dut duendeek jatea gizakiek baino. Agur! — eta hau esanez, kostaldera abiatu zen, emaztea han utzirik, zutik eta geldi. Kostaldean, eguzki kiskalgarri haren azpian, ez zegoen inor; ez zegoen bizitzaren arrastorik. Baina hondarrean hankamarka batzu zeuden eta inguru guztietatik ahots ikusezinak nabari ziren, baita su txikiak pizten eta itzaltzen ere. Munduko kizkuntza guziak entzuten ziren han: frantsesa, holandesa, rusoa, tamila eta txinoa. Keolak majia zerabilten herrialde guztien hizkuntzak entzuten zituen. Hondartza jende ikusezinez beterik zegoen, baina ez zen inor agertzen. Oinez zebilelarik, moluskoen maskortxoak desagertzen zirela konturatu zen, nahiz eta nork harrapatzen zituen ikusi ez. Deabrua bera ere horrelako toki batean bakarrik egoteko beldur izango zela ziur zegoen; baina berak beldurra gainditurik zuen eta, orain, heriotzaren idea zerabilen buruan. Suak pizten zirenean, haien aldera joaten zen Keola, zezen baten gisa. Ahotsak leku guztietatik zetozen; esku ikusezinak hondarra botatzen zieten suei, eta bera haiengana iritsi baino lehenago suak hondartzatik desagertzen ziren. “Argi dago, une honetan, Kalamake ez dagoela hemen; bestela hilik egongo nintzateke jada”, pentsatu zuen. Pentsamendu honekin, eta nekatuta, ohianaren ertzean eseri zen, bere kokotsa eskuan bermatuz. Azal ezineko ihardun hura ez zen amaitzen: ahotsak hondartzan entzuten ziren, sugarrak piztu eta itzaltzen, eta maskortxoak desagertzen eta berragertzen ziren bere begien aurrean. “Ziur aski - pentsatzen zuen —, lehenbiziko aldiz hona etorri nintzen eguna atseden egunen bat zen; ez zen ikusten gaur hemen dagoen mugimendurik”. Bere burua tontoturik zuen pertsona ikusezin haiek biltzen zituzten miloika dolarrei buruz pentsatzen. “Eta ni engainatuta eduki naute txanponen akuinaketari buruzko ipuiekin; argi dago hondartza honetan biltzen direla munduko txan- pon guziak! Hemendik aurrera, badakit egia!” Biharamunean, eguzkia atera baino lehen, zaratots izugarri batek esnatu zuen. Beldurturik esnatu ere, tribuak deskubritu zuela uste zuelako. Ez zen horrelakorik, hondartzen gorputz gabeko ahotsak entzuten ziren, bere ondotik uhartearen barne aldera abiatzen. “Zer gertatzen da orain?”, pentsatu zuen Keolak. Argi zegoen garrantzizko zerbait gertatzen ari zela, ez baitzen surik ikusten, eta maskortxoak ez ziren hondartzatik mugitzen, baina materia gabeko ahots haiek deiadarka zebiltzan ohianerantz urruntzen. Zaratagatik bazirudien sorginak haserre bizian zeudela. “Baina ez daude nirekin haserre, nire ondotik pasatzen baitira” lasaitu zen Keola. Zakurrak bata bestearen atzetik ibiltzen diren bezala, edo zaldiak gelditu gabeko lasterkan, edo hiri bateko bizilagunak suaren ondotik ihes egiten duten modura, horrela gerta zitzaion Keolari: zer edo zergatik egiten zuen jakin gabe, korrika joan zen ahotsen atzetik. Oihaneko txoko batera iritsi zenean, Kalamakeren zuhaitzak han hazten zirela gogoratu zen. Toki hartan gizon batzuen zaratots handia nabari zen. Ahotsak aizkora askoren kolpeen zaratekin nahasten ziren. Bat-batean, buruzagi nagusia azkenik zuhaitz haiek moztera ausartu zela pentsatu zuen Keolak. Berri hau haizea bezain laster iritsi zen sorgin guzien belarrietara, eta hauek bere zuhaitzak defen- datzera joan ziren. Ahotsen atzetik jarraitu zuen korrika, eta oihanaren ertzean harriturik gelditu zen. Zuhaitz batzuk botata zeuden, beste batzuk aizkoraz mozten: han zegoen tribu guztia. Gizonak bata bestearen ondoan zeuden, beste batzuk lurrean, hanketatik odola zeriela. Guztien aurpegiek beldur itxura zuten, eta beren ahotsak zeruraino iristen ziren. Haurrak zurezko ezpatekin haizearen kontra bezala, kanibalak, beren aizkorekin, izaki ikusezinen kontra ari ziren burrukan. Batzuetan aizkora bat esku gabe mugitzen zen, eta gizona erdibitua erortzen zen eta bere arimak ohiuka egiten zuen ihes. Keola, ametsetan bezala, ikuskizun triste hari begira egon zen une batez; heriotzaren ondoko beldurra bere adimenaz jabetu zen arte. Une horretan, buruzagi nagusiak Keola ikusi zuen, eta bere izenez deitu zion. Tribu guztia berari begira gelditu zen, begiak dirdiratsu eta hortzak dardarka. “Denbora gehiegi igaro dut hemen”, pentsatu zuen Keolak, eta hondartzarantz hasi zen korrika. – Keola! — deitu zion, hurbiletik, ahots batek. – Lehua, zu al zara? — erantzun zuen, arnasestuka. Baina ez zen inor ikusten. – Lehenago pasatzen ikusi zaitut, baina ez ninduzun entzungo. Azkar! hostoak eta belarrak lortu, eta goazen geure buruak askatzera. – Alfonbratxoarekin al zaude? — galdetu zion senarrak. – Bai, hemen, zure ondoan — erantzun zion Lehuak. Eta Keolak emaztearen besoak sentitu zituen —. Azkar! hostoak eta belarrak nire aita itzuli baino lehenago! Keolak hegan egin zuen belar galduen bila. Itzultzean Lehuak gidatu zuen, hankak alfonbratxoaren gainean jarri eta sua piztu zezan. Bitartean, borrokaren zarata entzuten zen oihanean. Lehuak belarrak botatzen zituen sutara, sugarra itzali eta beren etxeko gelan aurkitu arte. Keolak bere emaztea ikusi zuenean poztu zen. Keola pozik zegoen kanibalen eskuetatik ihes egin zuelako, eta Molokain egonik, poi katilu bat jan zezakeelako. Baina gauza bat ez zegoen argi, eta hartaz hitzegin zuten gau guztian. Kalamake irla hartan gelditu zen abandonatuta. Baina handik atera eta Molokaira itzultzen zen eguna larria izango zen bere alaba eta suhiarentzat. Keolak eta Lehuak bazekiten Kalamake handiagotu eta itsasoz etor zitekeela Molokairaino. Keolak bazekien sorginen uhartea non zegoen ere: Artxipielagoan. Atlas bat hartuz, gizon zahar batentzat irla bien arteko tartea luzeegia zela kalkulatu zuten. Hala eta guztiz ere, Kalamakeren maltzurkeria arriskutsua zen, eta aholku eske misiolari zuri batengana joatea erabaki zuten. Molokaira misiolari zuri bat iritsi zenean, istorio guztia kontatu zion Keolak. Misiolariak gogorki hartu zuen Ahotsen Uhartean beste emakume bat hartu zuelako; baina beste gauza guztietatik tutik ez zuela ulertzen esan zion. — Hala eta guztiz ere, zure aitaginarrebaren dirua txarra dela uste baduzu, legendunentzat eta Misiolarien Kontseiluarentzat eman zenezake. Beste guztia isilpean gordetzea izango da hoberena. Baina misiolariak Honoluluko poliziari Kalamakek eta Keolak txanpon faltsoak egiten zituztela salatu zion, eta komenigarria izango litzatekeela haiek zaintzea. Keolak eta Lehuak, misiolariaren aholkuei jarraituz, dolar asko eman zituzten legendunentzat eta Misiolarien Kontseiluarentzat. Eta zalantzarik gabe aholku hura ona izan zen, zeren ordutik hona ez da ezer entzun Kalamakeri buruz. Kanibalen aurkako borroka hartan hil ote zen, edo oraindik Ahotsen Uhartean batetik bestera ote dabilen, nork jakin? DEABRUA BOTILAN I Hawai uharteko gizon bati buruz noa hitz egitera. Kaewe deituko diot, nahiz bere izena ez izan; gizon hau oraindik bizi da, eta ez ezagutzera eman gure historia honen heroia. Aski da pertsona hau Honaunaun jaio zela jakitea, Kaewe Handiaren hezurrak gordetzen diren kobazuloaren lekuan. Gure protagonista txiroa zen, ausarta eta ekintzailea. Edozein eskola maisuk bezala irakurri eta idazten zuen. Baina itsasgizon gisa ageri zen, nahiz irlen artean ibiltzen ziren baporeetan, nahiz balearen arrantzarakoetan patroi, Hamakuako itsas bazterretan. Baina egun batean, bidaia luzeen tentazioa sartu zitzaion Kaeweri, herbesteko hiri handiak bisitatzeko tentazioa, eta gutizi hau betetzeko San Franzisko hirira zihoan itsasontzi baterako pasajea hartu zuen. Badakizue hiri hau munduko aberatsenetariko bat dela, lehen mailako badia bat du, hiri ederra benetan. Badakizue, baita ere, hiri horretan jauregiz betetako mendi tontor bat dagoela. Ba, Kaewe toki hartara joan, eta paseatzen hasi zen. Jauregiak ikusiz alaitzen zituen bere begiak, eta bere txangoez pozik zegoen, patrikak dolarrez beterik edukiko balitu bezala. — Zein ederrak etxe hauek! — esaten zion bere buruari —. Zein zoriontsu izango diren hemen bizi direnak; etorkizunak ez ditu arduratuko...! Hau pentsatu, eta etxe baten aurrera iritsi zen. Beste guztiak baino txikiagoa zen, baina ez zen besteak baino eskasagoa, jostailu bat zirudien, hain txikia eta hain apaina. Eskilara mailak zilarra bezain dirdiratsuak ziren, lorategiaren zelaiko ertzak girnaldaz josirik, leihoen kristalak harri preziatuak bezalakoak. Kaewe etxe polit hura ikusteko gelditu zen. Bere begirada etxearen fatxadara zuzendu zuenean, gizon bat aurkitu zuen berari begira. Gizona etxeko gela baten barnean zegoen, baina Kaewek, kristal haiei esker, garbi ikusi zuen. Adineko gizona, burusoila eta bizar beltzduna. Bere aurpegian minaren markak nabariak ziren, eta bularra arnasestu batean altxatu zuen. Adiskidetasun korrente bat sortu zen, berehala, kanaka bidaiaria eta kaliforniarraren artean: Kaewek etxetxoaren jabea inbidiatzen zuen, jabeak Kaewe inbidiatzen zuen moduan. Gizonak, irribarrez, Kaewe agurtu eta barnera pasatzeko keinu egin zion. – Etxe eder hau nirea da — esan zuen asperenka —. Ikusi nahi al duzu? Ugazabak gela guztiak erakutsi zizkion Kaeweri, behetik gora, teilaturaino, eta etxeak inolako akatsik ez zuela ikusi zuen, harriturik, kanakak. – Bai etxe ederra! Nirea izango balitz, ni bertan biziko banintz, egun guztia pentsamendu alaiez igaroko nuke. Orduan, ez dut ulertzen horren triste zergatik zauden. – Ez dago honelako etxe bat ez edukitzeko arrazoirik, edo hau baino etxe hobe bat. Izango duzu dirua... – Berrogeita hamar dolar ditut. Baina, honelako etxe batek hori baino diru gehiago balioko du. Gizona kalkulo bat egiten hasi zen, buruz, eta honela erantzun zion: – Penagarria da diru gehiago ez edukitzea, etorkizunerako txarra izango baitzaizu; baina nahi baduzu, berrogeita hamar dolarregatik, etxea zurea da. – Etxe hau...? Berrogeita hamar dolar? – Etxea, bereziki, ez. Baina bai botila. Esan behar dizut etxe hau eta nire aberastasun guztiak botila batetik datozela. Hona hemen. Altzari bat ireki eta botila atera zuen, borobila, zama luzekoa. Kristala luzea zen, esne kolorekoa. Barnean, itzal bat mugitzen zen, dirdarka, argi batzuk boteaz. – Hona hemen botila — errepikatu zuen. Kaeweri barre algara bat atera zitzaion. – Ez didazu sinesten? — galdetu zion gizonak —. Egin ezazu, bada, froga bat. Botila hau hautsi. Kaewek, esku bi artean hartu, eta lurrera bota zuen bere indar guztiekin. Nekatu arte, behin eta berriz frogatu zuen ea hausten zen, baina botilak gomazko pilota baten gisa saltatzen zuen. Eta zera esan zuen: – Harrigarria da hau. Badirudi botila hau kristalezkoa dela, baina... – Eta kristalezkoa da — baieztu zion ugazabak, lehen baino tristeago —. Baina kristal hori infernuko sutan izan da tenplatua. Bere barnean duende bat bizi da, eta berea da ikusten duzun itzala. Botila hau erosten duenak, bere esku izango du duendea. Erosleak nahi duen guzia -maitasuna, ospea, dirua, hau bezalako etxeak, eta hiri hau bezalako hiriak nahi baditu ere-, dena berea izango da desiatzen duen une beretik. Napoleon, botila hau izan eta horregatik egin zen mundu guztiaren jabe; baina saldu zuenean, bere inperio guztiak lur jo zuen. Cook kapitaina ere botila honen jabea izan zen bizi zen artean; baina saldu zuenean Hawain hil zuten. Botila saldu eta bapatean jabeari bere boterea joaten zaio, botilak eman dion guztiarekin gustura ez badago. – Ez dut ulertzen zergatik nahi duzun botila saldu — ihardetsi zion Kaewek. — Nahi dudan guztia dudalako saltzen dut, eta, gainera, zahartzen ari naiz — azaldu zuen ugazabak —. Gauza bat bakarra dago botila honentzat ezinezkoa dena: bizitza luzatzea. Desleiala iruditzen zait beste gauza hau zure begien aurrean ezkutatzea: botilak eragozpen bat du: botila saldu gabe hiltzen dena, bere eternidade guztia infernuan igarotzera kondenatua dago. – Eragozpen serioa da. Baldintza hori ezaguturik, negozioa bere lekuan uztea dela hoberena uste dut. Zorionez, etxerik gabe gelditzeak ez dit ardurarik, badago zerbait munduko jauregi guztien truk onartzen ez dudana: infernura joatea. – Jaungoikoa! Ez dago zertan postura horretara ailegatzerik — argudiatu zuen gizonak —. Egin behar duzun guztia botilaren ahalmenak moderazioz erabiltzea da, eta, gero, norbaiti saldu, nik saltzen dizudan bezala. Horrela, zure bizitza lasai bukatuko da, nirea bukatuko den bezala. – Gauza bik harritzen naute: lehendabizikoa, neskatxa maitemindu bat bezala asperenka zabiltzala. Bigarrena, diru oso gutxi eskatzen duzula honelako botila baliogarri batengatik. – — Azaldu dizut nire penen arrazoia. Nire indarrak makaltzen doaz, eta zuk esan duzun bezala, hil eta infernura joatea izugarrizko nahigabea iruditzen zait. Prezioari buruz, nik ez dudala jartzen esan behar dizut. Botilak berezitasun bat du. Orain dela denbora asko, deabruak mundura ekarri zuenean, sinestezineko prezioan saltzen zen. Indietako Preste Juanek ez dakit zenbait milioirengatik erosi zuen. Baina inork ezin du saldu aurreko prezioan baino merkeago ez bada. Horrela egiten ez bada, botila lehengo jabearengana itzultzen da, usoak jaiotetxera itzultzen diren bezala. Mendez mende, salmentaren neurria jaisten joan da, depreziazioa gehituz. Nik laurogeita hamar dolarrekin erosi nion hemengo auzoko bati. Laurogeita bederatzi dolar eta laurogeita hemeretzi zentabotan sal dezaket. Laurogeita hamarrean saltzen badut, botila nire eskuetara itzuliko da. Eragozpen bi daude: laurogeita ez dakit zenbat dolarretan botila majiko bat hortik saltzen hasten banaiz, mundu guziak barre egingo du. Beste eragozpena... Baina ez dezagun honetaz hitz egin. Aski da diru garbian erosi behar dela esatea. – Eta nola dakit egia esaten didazula? —galdetu zion Kaewek— – Zerorrek har zenezake ziurtasun hori. Eman iezadazu dirua, har ezazu botila, eta eska ezaiozu berrogeita hamar dolar horiek itzultzeko. Dirua ez badizu bueltatzen, kontratoa hautsiko dudan hitza ematen dizut. – Ez nauzu engainatzen? — ihardetsi zion Kaewek, errezeloz beterik. Gizonak zin solemne bat egin zuen. – Ederki. Ausartuko naiz. Arriskurik ez dagoela uste dut. Prezioa ordaindu eta botila hartu zuen. – Botilako duendea: eman iezazkidazu nire berrogeita hamar dolarrak. Hau esan eta lehen nabaritzen ez zuen pisua sentitu zuen patrikan. – Egia zen, botila hau miresgarria da — baieztatu zuen Kaewek. – Bide on eraman dezazula, eta deabruak lagun biezazula, ni bakean utzita. – Nola! Har ezazu botila hau, eta itzuli iezadazu nire dirua. Ez dut honelako negoziorik nahi. – Zuk nik eman nuen baino diru gutxiagorekin ordaindu duzu botila — esan zion gizonak, eskuak igurtzen zituen bitartean —. Zurea da. Nire aldetik, etxe honetatik agudo alde egitea eskatzen dizut. Eta morroi txinatarrari deitu zion, gonbidatuari kaleko ateraino laguntzeko. Kaewe kalean zegoela, botila besapean, honela hitz egin zion bere buruari: – Esan didana egia bada, erosketa oker bat egin dut. Baina, beharbada, gizon hark iseka egin dit. Izkinan gelditu zen. Dirua zenbatu eta hasieran zuen beste aurkitu zuen: berrogeita bederatzi dolar amerikarrak, eta Txileko zilarrezko txanpon bat. – Honaino dena ondo doa. Egin dezagun froga bat. Kaleetatik zehar zihoan, itsasontzi baten kubierta bezain garbiak, bakardadean, nahiz eta eguerdia izan. Makurtu eta botila alkantarila batean jarri zuen Kaewek, bere bideari jarraituz. Bi aldiz itzuli zuen begirada, eta botila utzitako tokian zegoela ikusi zuen. Urruti, bere sabel lodia eta zama luzea dirdirka zeuden. Hirugarren aldiz. jiratu zuen aurpegia, eta beste kale batetik abiatu zen; baina urrats batzuk eman, eta bat-batean kolpe bat nabaritu zuen ukalondoan. Zein izango zen bere ustekabea botilaren zama bere patrikatik ateratzen ikusi zuenean, sabel lodi harek pilotu belokiaren tela altxatzen zuen bitartean. — Honaino, dena esan didan bezala ateratzen ari da! Hala eta guztiz ere, beste froga bat egitea erabaki zuen. merkataritza auzora hurbildu zen, burdindegi baten bila, eta kortxo ateragailu bat erosi zuen. Dendatik atera eta, mendirantz abiatuz, inguru bakarti batean sartu, eta botilari tapoia kentzeko ahaleginak egiten hasi zen. Kortxoan sartzen zuen, behin eta berriz. — Botilaren kortxoak nik ezagutzen ez ditudan ezaugarriak ditu — pentsatu zuen Kaewek, dardarka eta izerditsu, botilari zion beldurra uneka gehiagotzen baitzihoakion. Portura itzultzen ari zen; sortaldeko eta Pazifikoko uharte basatietako gauza arraro guztiak saltzen zituen denda bat aurkitu zuen: maskorrak, katxiporrak, idoloak, txanpon zaharrak, Txina eta Japoniako antzinako estanpak, dena exotikoa, marinelek beren kutxetan eramaten duten guztia. Ideia bat etorri zitzaion burura Kaeweri. Dendan sartu, eta botilarengatik ehun dolar eskatu zituen. Merkataria barrez hasi zen bere kontura, eta botilak bost dolar baino gehiagoko baliorik ez zuela erantzun zion Kaeweri. Baina gizon hura argia zen, eta botila arraro hari begira, ezagutzen ez zuen materia batez egina, esne kolorekoa, barnean itzal bat zuela, operazioa komeni zitzaiola ikusi zuen. Eztabaidatu eta eztabaidatu, bezeroari ez zion dendatik ateratzen uzten. Azkenik, zilarrezko hirurogei dolar jarri zituen Kaeweren eskuetan, eta botila bitrina batean sartu. — Berrogeita hamarrean erositakoa, hirurogeitan saldu dut. Iritsi da behin betiko frogaren unea. Badiara iritsi, itsasontzira sartu, eta, dirua gordetzeko, bere kutxa ireki zuenean, botila aurkitu zuen bertan. Kaewek lagun bat zuen itasontzian, Lopaka izenekoa. – Zer gertatzen zaizu? — galdetu zion honek —. Zergatik jartzen dituzu begi horiek? Biak bakarrik zeuden brankako gazteluan, eta Kaewek gertatu zitzaion guztia kontatu zion bere lagunari, sekretua gordetzeko eskatuz. – Gertakizun hori oso arraroa da — esan zuen Lopakak —. Eta botila horrekin ezbeharren bat ez ote duzun izango beldur naiz. Baina zalantzarik gabeko puntu bat dago. Arriskua ezaguna denez, atera bertatik ahal duzun etekin handiena. Nahi duzuna pentsa, eta botilari komeni zaizun agindua eman. Eta agindu hori betetzen bada, nik erosiko dizuk botila; goleta bat eduki nahi dut, uharteen arteko merkataritzan hasteko. – Nire asmoa beste bat da — esan zuen Kaewek —. Koauan, jaio nintzen herrian, etxe bat nahi dut, lorategi eta guzti. Etxe hori gaur bisitatu dudan etxearen berdintsua izango da, pixka bat handiagoa, solairu bat gehiago eta balkoiez beterik, erregeen jauregietan bezala. Irudikatzen dut nola sartuko diren atetik eguzkiaren izpi dirdiratsuak; nola lehioen kristalak dirdarka ikusiko diren urrutitik; nola, horme- tan, margoak zintzilika egongo diren, tapiz arraroekin eta porzelanazko jostailuekin batera. Han igaroko dut bizia, lagun eta adiskideekin batera. — Horrela bada, eraman dezagun botila Hawaira, eta zure nahia betetzen bada, nik nahi dudan goleta lortzeko erosiko dizut. II Akordiora iritsi ondoren, lagun biak bere herrialderantz bidaian jarri ziren, eta egun batzuk barru ontziak Honoluluko portuan bota zituen bere aingurak. Han lehorreratu ziren Kaewe, Lopaka eta botila. Urrats bakar batzuk eman, eta ezagun batekin topo egin zuten. Honek Kaewe doluminak emanez agurtu zuen. – Ez dakit zergatik hartzen nauzun horrela - galde egin zion Kaewek ikaraz. – Ez al dakizu? Zure osaba, denok errespetatzen genuen gizon zahar hura, hil da; eta zure Iengusua ere bai, itsasoan itota. Espero ez zituen berri bi haiek entzun ondoren nahigabetuta gelditu zen Kaewe, buruhauste tamalgarri haiez kanpo zegoen neurrian. Kaewe lasaitu zenean honela mintzatu zitzaion: – Nik dakidanez, zure osaba Kauko distrituko lur sail batzuren jabea zen. – Kaun ez; mendietan, Hookenatik hego aldera. – Eta ondasun horiek zuretzako izango dira, noski. – Bai — baieztatu zuen Kaewek, negar artean. – Ba, ez dago negar egiteko arrazoirik. Adi zer pentsatzen dudan: ez duzu uste zure senitartekoen heriotza botilaren lana izan dela? Oinordekotzari esker, etxea egiteko terrenoa duzu. – Bai, horrela da. Baina ez dut sinesten botilaren eraginkortasunean, nire nahiak betetzeko nire senitartekoak garbitu behar baditu. Baina zuk esan duzun bezala da, ametsetan nire osabaren lurretan ikusi dut eta. – Hala eta guztiz ere, etxea egin gabe dago oraindik. – Eta horrela geldituko da — iherdetsi zion Kaewek —. Nire osabak kafe soro bat eta platano sail batzuk zituen, baina hori ez da aski izango bizitzeko, sailaren beste zati guztiak labaz beterik baitaude. – Joan gaitezen zure osabaren abokatuarengana — proposatu zuen Lopakak. Joan ziren, beraz, abokatuarengana, eta honek egun batzutara Kaeweren osaba izugarri aberatsa bihurtu zela esan zien; eta oinordekoak diru tontorrak beretzat zituela. – Ikusten duzu! Hona hemen etxea egiteko dirua. – Etxeei buruz hitz egiten duzuenez —esan zien abokatuak— mirariak egiten dituen arkitekto baten txartela emango dizuet. – Dena ondo ateratzen ari da — esan zuen, pozez beterik, Lopakak —. Dirudienez gauzak eginak ematen zaizkigu, bakarrik instrukzioak jarraitzea gelditzen da. Beren pausoak arkitektoaren etxerantz zuzendu zituzten; eta honek mahai gainean zituen etxe eder batzuen proiektuak erakutsi zizkien. — Zerbait ikusgarria nahi baduzu — esan zion arkitektoak Kaeweri — plano honi begiratzea aholkatzen dizut. Diseinu bat atera zuen. Kaewek ikusi, eta lehenago fantasiak eskatu zion etxearen plano berbera zela konturatu zen, lerroz lerro. Bere ustekabea agertu zuen, eta bere buruari honela esaten zion: – Hau da nik nahi dudan etxea. Gertaerak datozen modua ez zait atsegina, baina arriskuari aurre egin behar diodanez, egoera honek dakarzkidan abantailak baliatuko ditut. Arkitektoari aginduak eman zizkion, bai etxeari buruzkoak, bai altzari eta beste apaindura guztiei buruzkoak, hormetarako margoez eta mahaietarako irudiez ahaztu gabe. Gero, obra guztiaren aurrekontua eskatu zion arkitektoari. Hau, galdera asko egin ondoren, arkatz batekin kalkuloak egiten hasi zen. Azkenik, Kaewek zuen diruaren pareko kopuru bat idatzi zuen. — Argi dago, nahitanahiez, etxe hau niretzat dela — pentsatzen zuen Kaewek —. Baina deabruaren eskusartzea gogoan izan behar dut; ezin dut horrenbesteko ondasuna harridurarik gabe hartu. Gertatzen ari dena oharpen bat da, eta botila honen jabe naizen bitartean, ez dut beste desiorik argitaraziko. Onar dezagun etxea, eta etor dadila etorri beharrekoa. Arkitektoarekin kontratua lotu zuen, agiri publiko baten bidez. Etxea egiten hasi zirenean, Kaewe eta Lopaka Australiarako bidaia batean ontziratu ziren. Botilaren jabeak desio gehiago ez izateko hitza emana zuen, deabruarekin zor gehiago ez izatearren. Bidaia bukatu ondoren, une egokian iritsi ziren lagun biak beren sorterrira, etxea bukatuta baitzegoen. Kaewe eta Lopaka Hall itsasontzian Konarantz abiatu ziren, eta Kaewek amestu bezalako etxea zela konturatu ziren. Etxea mendi tontortxo batean zegoen, itsasotik ondo ikusteko moduan. Mendiaren maldan gora oihanak zeuden. Kaeweren sailaren barrenean haitz pila bat zegoen, labazkoak, kobazulo antzekoak osatuz. Antzinako erregeen hezurrak han bertan gordetzen ziren. Etxe inguruan Hawaiko bertako eta kanpotik ekarritako lore klase guztiak hazten ziren, ugariak koloreetan. Eskuinetara papaya baratze bat, eta ogi-zuhaitzak ezkerretara. Etxearen aurrealdean, itsasora begira, bandera jasotzeko zurtoinl bat zegoen. Hiru solairuko etxea zen, gela zabal eta balkoi luzeekin. Lehioetako kristalak, ura eta egun argia bezain argitsuak ziren. Geletan altzari ugari zegoen. Margoek, urrezko markoetan, barkuak, batailak, emakume ederrak eta paisaia ikusgarriak erakusten zituzten. Inoiz, munduan, ez da ikusi Kaewek zuen margo bilduma bezalakorik, kolorez hain aberatsa. Bazterretako mahaietan zeuden irudiak jauregi aberatsenetan ere ez ziren ikusten. Gainera, urrezko ezkiladun erlojuak, musika kutxak, Ozeania, Sortaldea, Europa eta Afrikako armak, eta solasaldietako mota guztietako jokuak. Balkoiek hiri bateko biztanle guzientzako tokia zuten. Ikerketa sakon bat egin, eta atarian eseri ziren adiskide biak. – Zure ametsarekin bat al dator dena? - galdetu zuen Lopakak. – Hitzez ezin dut agertu nolako egia den hori — erantzun zion Kaewek -. Ez da nik amestutakoa bakarrik; zerbait gehiago ere bada: nik ez nuke sekula sinetsiko amets bat errealitate bihur zitekeenik. – Hala ere gauza bati bueltak eman behar dizkiogu. Beharbada, hau dena ez da botilako duendearen emaitza; beharbada hau dena berez gertatu da, gertakizunen berezko garapenarekin. Kasu horretan, botila erosi ondoren goletarik gabe gelditzen banaiz, alferrik ari naiz eskua sutan sartzen. Hitza eman nizun, baina ez didazu ukatuko botilaren ahalmenen azken froga bat. – Beste mesederik ez dudala eskatuko zin egin nuen— erantzun zion Kaewek —. Ezin dut eskatzen didazuna egin. – Orduan, ez eskatu mesederik. Baina duende horrekin hitz egin nahi nuke. Utz nazazu duende hori ikusten, ba. Eta hau egin ondoren botilaren ordezko dirua emango dizut. – Zure nahia ez zait hain erraza iruditzen. Demagun duendea itsusia dela, eta ikusitakoan botila gorrotatzen duzula. – Gizon osoa naiz. Eta hemen dago dirua. – Ongi dago. Nik ere badut jakinmina. Ea ba, Duende Jauna, atera zaitez hirurok elkarrekin hitz egiteko. Kaewek hitz hauek esan eta, berehala, duendeak burua botilatik kanpo atera zuen, baita berriz barrura sartu ere, sugandila batek bezain azkar. Kaewe eta Lopaka harriturik gelditu ziren. Gaua iritsi eta lagun biek ez zuten indarrik elkarri hitzik egiteko. Lopakak patrikatik dirua atera zuen Kaewen eskuetan jartzeko, eta botila hartu zuen. – Gizon osoa naizela esan dut — esan zuen Lopakak —. Bestela ez nioke helduko botila honi hankako behatzaren puntarekin ere. Nire goleta eta patrikarako bostpasei dolar edukitzen dudanean, botila honengandik urrunduko naiz, eta duende hau gehiago ez ikusteko ahaleginak egingo ditut. – Lopaka, ez nauzu lagun txartzat hartu behar. Bideak eskasak dira; eta gauaren iluntasunean erregeen hilobietatik zehar joateko laguntzarik ez da; baina hemendik lehenbailehen urrundu zaitez, hori eskatzen dizut, ez baitut ez lo egingo, ez jango, ez bizitza lasai bat izango deabruaren botila hau nire aldamenetik urrundu arte. Har ezazu, bada, eskuargia eta botila eramateko saski bat. Eta etxe honetan dagoen eta zuri gehien gustatzen zaizun gauza, gainera: margo bat, irudi bat, erloju bat edo nahi duzuna. Baina joan zaitez, eta Nahinukin Hookenan lo egin ezazu. — Kaewe, nire laguna: badakizu beste edonork txarrera hartuko lituzkeela zure hitzak, ni bezain leiala izan ondoren batez ere. Gauak, iluntasunak, hilobietako bideek eta bakardadeak beldurtzen naute, pekatuaren pisua baidaramat, eta botila majikoa saski honetan. Baina sentitzen dudan beldur berberak ematen dizkit zure jarrera ulertzeko arrazoiak. Banoa, ba, eta joaterakoan Jainkoari eskatzen diot ni nire goletarekin bezala zu zure etxearekin, biok zoriontsu izan gaitezen laguntza emateko. Botilaren eta duendearen gainetik, zeruan elkartuko garela espero dut. Hau esan eta maldan behera jaitsi zen Lopaka. Kaewe, balkoira irten eta zaldiaren ferren zarata entzun zuen, bidean linternaren argitasuna ikusiz. Kaewe dardarka zegoen, eskale gisa eskuak batuta, bere lagunagatik otoitz egiten; Jaunari, botila haren madarikaziotik libratzearren, eske- rrak ematen zizkion bitartean. III Egun argitsu batek esnatu zuen Kaewe, eta bere etxe berriaren edertasunak gauean izaniko beldur guziak ahaztarazi zizkion. Egunak joan eta egunak etorri, etxeko jabearen zoriona areagotuz zihoan. Mendietara begira jaten zuen; baita Honoluluko egunkariak irakurri ere. Etxera, bisitariei erakusteko sartzen zen soilik. Kaeweren egoitza Ka-Hale-Nui izenaz ezagutzen zen herrialde guztian. Hitz konposatu honen esanahia “Etxe Handia” da. Beste batzuek “Etxe Dirdiratsua” deitzen zioten, Kaeweren morroi txinatarra etxearen gauza guztiak igurtzika aritzen baitzen goizetik gaueraino. Urre koloreko gauzak, lehio eta beirateetako kristalak, eskilaretako eta beheko zur bitxia goizeko eguzkia bezain dirdiratsu egoten ziren. Horregatik, Kaewek ezin zuen moteldu bere poztasuna geletan zehar zebilenean, eta arima zabaltzen zion kantu alai batekin hasten zen beti. Itsasontzi bat portura sartzen zen bakoitzean, poztasun honi mugarik jarri ezinez, bandera igotzen zuen mastan gora. Denboraldi bat igarota, Kaewe Kailura joan zen. Bere lagunek pozez agurtu zuten, eta bere ohorez bazkari bat eskaini zioten. Hurrengo goizean bueltako bidea hartu zuen, eta “Etxe Handia” berriz ikusteko gogoak arintzen zuen bere urratsa. Gainera, zetorren gaua hildakoek Konako aldapetan ibiltzeko aukeratua zuten, eta deabruarekin tratuan ibili zenetik, Kaewek ez zuen hildakoekin harremanetan jartzeko gogorik. Honaunautik pasa ondoren, eta he- mendik hurbil, itsasoko uretan bainatzen ari zen emakume bat ikusi zuen. Neska koxkor bat zirudien; baina Kaewek, jaramonik egin gabe, bere bidea jarraitu zuen. Gehiago hurbildu zenean, hondartzan botata zeuden neskatxaren alkandorak eta purpurazko holokuak atenzioa deitu zioten. Bere ondora iritsi zenean, neskatxa bainatuta zegoen, eta holokua jantzia zuen; begi beltz eta alai haietatik ateratzen zen begirada goxoarekin. Kaewek zaldia geldiarazi zuen. — Herrialde honetako biztanle guztiek ezagutzen nituela uste nuen — esan zion Kaewek. Zergatik ez zaitut ezagutzen? — Kokua naiz, Kainoren alaba, eta orain dela gutxi itzuli naiz Oahutik. Eta zu, nor zara? — Laster jakingo duzu — erantzun zion Kaewek, zalditik jaitsiz —Baina oraindik ez dizut esango. Ideia bat dut, eta nire izena ezaguna denez, niretzat emango duzun erantzuna ez da izango, zoritxarrez, zure bihotzaren sakonetik atera daitekeena. Baina, lehenbizi, gauza bat nahiko nuke jakin: Ezkondua al zara? – Zuk galdetzen duzun neurri berberean galdetzen dizut nik ere: ezkondua al zara? – Ez, Kokua, ez naiz ezkondua. Eta gaur arte sekula ez dut pentsatu ezkontzerik. Bide bazterrean aurkitu zaitut; zure begiak izarrak bezain dirdiratsuak ikusiz, nire bihotza zuregana joan zait hegaztia balitz bezala. Esaten dizudanak axolarik ez badizu, esan eta nire bidetik jarraituko dut. Baina eskualde honetako beste gazteei bezala begiratzen badidazu, esan, eta zure etxera joango naiz; gaua han pasatu, eta bihar goizean zure aitarekin hitz egingo dut. Kokua isilik geratu zen, itsasoari begira, eta bere ezpainak irribarre batez mugitu ziren. – Kokua, isiltzen bazara, isiltasun hori baiezkotzat hartuko dut, eta zure aitaren etxera joatea erabakiko dut. Neskatxa oinez hasi zen, hitzik esan gabe. Behin edo behin atzera begiratzen zuen Kaewek jarraitzen zion ikusteko. Etxera iritsi eta Kiano atarian azaldu zen. Poz-pozik agurtu zuen Kaewe, bere izenez deituz. Neskatxa, orduan, bere lagunari begira gelditu zen, bere ospea ezagutzen baitzuen. Gaua alaiki igaro zuten elkarrekin. Neskatxa zuhurra zen bere gurasoen aurrean, eta iseka egiten zion Kaeweri. Egunsentiarekin, Kaewek Kianorekin hitz egin zuen, eta gero neskatxarengana joan zen. – Kokua, gau osoan niri burlaka ibili zara. Ez nuen nire izena aipatu nahi, nire proposamenari baiezkoa ala ezezkoa ematerakoan bihotz barrenetik hitz egin zenezan. Orain dena dakizu, eta zure ahoan dago azken hitza. Alde egin behar al dut hemendik? – Ez — erantzun zuen Kokuak, baina bere ezpainetan ez zen irribarrerik. Hau izan zen, besterik gabe, Kaeweren ezkongaialdia. Benetan, bizkor joan ziren gertakizunak. Kaeweren oroimenak betetzen zuen Kokuaren gogoa, eta bere ahotsa haitzen aurkako uhinen kolpeekin nahasten zen. Bi aldiz bakarrik ikusitako gazte batengatik prest zegoen aita, ama eta jaioterria uzteko. Kaewek antzinako erregeen hilobietako bideetatik zuzendu zituen zaldiaren urratsak, eta hildakoen kobazuloek ferra metalikoen soinua sentitu zuten, bidailariaren kantuaren doinuarekin batera. “Etxe Dirdiratsura” iristean ere abesten jarraitzen zuen. Behatokian eseri zen jateko, eta txinatarra harriturik zegoen ugazabaren kantua entzutean. Eguzkia itsas atzetik sartu, eta gaua egin zen. Kaewe balkoietan zebilen. Oihartzunak haren kantua mendietan errepikatzen zuen, eta portuko itsasontzietatik entzuten zen. — Zorionaren gailurrera ailegatzen naiz — pentsatzen zuen —. Orain dudan poza gainditu lezakeenik ezin da egon munduan. Marmolezko igerilekuan bainu bat hartuko dut; eta, bakarrik bada ere, ezkon ohean egingo dut lo. Aginduak pasatu zizkion txinatarrari, eta hau, ohetik altxatu, eta berogailua piztera abiatu zen. Erregaia botatzean, bere ugazabaren ahotsa entzuten zuen abesten. Ura berotu zenean, oihu egin zion txinatarrak ugazabari, eta hau igerilekua zegoen gela zabalera hurbildu zen. Morroiak Kaeweren kantua nabaritzen zuen marmolezko aska betetzen zen bitartean, ugazaba eranzten ari zen bitartean. Baina, bat-batean, kantua isildu zen, eta isiltasunak etxe guztia bete zuen. Txinatarrak oihu egin zion ea zerbait gertatu zitzaion, eta, erantzun bakarrez, oheratzeko agindua hartu zuen. Ezin zuen lorik hartu, eta gau guztian Kaeweren urratsak aditu zituen gora eta behera, atzera eta aurrera, etxean. Kaewe biluzik jarri zenean, orban bat zuela konturatu zen, baita mututu ere, orban hura legenarena baitzen. Etxe hartako ugazabak betirako utzi beharko zituen ondasunak eta lagun guztiak; Molokaiko iparraldera joan beharko zuen, bakardadean. Baina pena horiek guztiak ez ziren ezer aurreko egunean ezagutu zuen neskatxaren galerarekin alderaratuta. Bere itxaropena harriaren kontra jotzen duen kristal preziatu bat bezala gelditu zen: hautsita. Une labur batean. igerilekuko marmolean eserita gelditu zen. Gero, oihu eginez, arinka atera zen. Hara eta hona, ero bat bezala zebilen. — Hawaitik aterako nintzateke; gurasoen lurra ere utziko nuke. Utziko nuke nire etxea, “Etxe Dirdiratsua”, bere behatoki eta gutzi. Ez litzaidake balorerik faltako Molokaira joateko, Kalaupapako laba lurretara, nire gurasoengandik urruti bizi eta hiltzeko, itxaropen guztia galdu dutenekin batera. Baina hau honela gertatu behar bazen, zergatik izan dut Kokua ezagutzeko zoritxarra? Kokua zoragarria! Kokua, nire bizitzaren argia! Ez naiz zure senarra izango, ez zaitut berriz ikusiko; ez zaitut nire besoen artean laztanduko! Zuregatik, zuregatik bakarrik dira nire penak! Kontura zaitezte nolako gizona zen Kaewe. Bizi zitekeen bere jauregian urteak eta urteak; ez zuen inork gaitzaren berri izango. Baina beretzat ezerk ez zuen baliorik Kokuaren jabe egiten ez bazen. Zegoen bezala, legendun, Kokuarekin ezkon zitekeen. Beste askok horrela egingo zuten. Baina Kaewek nobleki maitatzen zuen Kokua, eta ez zegoen neskatxa arriskuan jar zezakeen ezer egiteko prest. Gaualdi bat igaroa zuen bere atsekabeetan, deabruaren botila gogora etorri zitzaionean; eta etxearen behatokira joanez, duendeari buruz pentsatzen hasi zen. – Botila beldurgarria! Duende beldurgarria! baina are beldurgarriagoak infernuko sugarrak. Botilak, duendeak eta infemuak ematen didaten beldurraren gainetik, ni osatzeko eta Kokuarekin ezkontzeko beste mediorik ez dago. Deabruaren aurpegia ikusia dut aurrez-aurre, desafiatu dut, bere indarrenpean etxe bat edukitzeko gauza izan naiz, ez ote dut hau berriz egingo Kokuaren maitasuna izateko? Hall itsasontzia hurrengo egunean Honolulurantz ateratzen zela gogoratu zen. – Lopaka aurkitu behar dut. Nire itxaropen bakarra saldu nion botila da. Ez zuen begirik bildu gau guztian; egunsentian ezin izan zuen ezer jan. Kianori gutun bat bidali, eta baporea hartzeko ordua iritsi zenean, hilobietatik porturantz abiatu zen. Euria ari zuen; zaldiari zaila egiten zitzaion aurrera egitea. Kaewek, kobazuloen aho beltzei begira, barnean lotan zeuden hildakoak inbidiatzen zituen. Hookenara iritsi zen, eta jende asko zegoen, beti bezala, itsasontzira sartzeko zain. Dendaren atarian, elkarrizketak ugari ziren azken berrien inguruan. Baina Kaewek galderei erantzuteko hitzik ez zuen aurkitzen. Kaeweren bularra nahigabeen konpasean mugitzen zen. — “Etxe Dirdiratsuko” Kaewe triste dago — zurrumurrua zebilen jende artean. Horrela zen, benetan, eta inork arrazoia ezagutu izan balu ez zen harrituko. IV Hall barkua iritsi zen, baita Kaewe barnera sartu ere. Itsasontziaren txopa sumendia ikustera etorritako turista zuriz beterik zegoen. Erdi aldean kanakak, eta Hiloko zezenak eta Kauko zaldiak aurrealdean. Kaewe toki baten bila hasi zen turisten, kanaka eta abe- reetatik urrun; triste, Kianoren etxera begira, atean euli baten tamainako purpurazko holoku bat ikusten zen. — Ene bihotzeko erregina! Zuregatik eternidadea arriskuan jarriko dut! Gauaren itzalak hasi ziren erortzen. Turistak kamaina argitsuetan sartu ziren, eta, ohi dutenez, jokatzeko kartak eskatuz, whisky botilak edan zituzten. Gau guztian puentean zehar ibili zen Kaewe, hurrengo egunean bere paseoa jarraituz, “Half’-a Miau eta Molokairen paretik pasatzen zenean, Kaewek pizti kaiolatu bat zirudien. Ilunabarrean “Diamante Buru”-tik pasatu, eta Honoluluko kaira iritsi zen ontzia. Kaewe ontzitik jaitsi, eta jendetzaren artean aldendu zen Lopakaren bila. Goleta bat erosi zuela esan zioten, irletan zegoen hoberena. Eta bidaia bat prestatu zuela Pola-Pola edo Kihikira. Denboraldi handi batean ez zela Honolulutik agertuko. Baina Kaewe, Lopakak abogatu lagun bat zuela gogoratu zen. Esan ziotenez, gauetik egunera irabazi handiak egin zituen, eta Waikikiko kostaldean etxe polit bat zuen. Kaewek kotxe bat alokatu, eta abokatua bizi zen tokirantz abiatu zen. Etxe berria zen abogatuarena, eta baratzeko zuhaitzak bastoi baten tamainakoak ziren artean. Ugazaba atera zenean, Kaewek bere aurpegian gizon ase baten itxura nabaritu zuen. – Zer egin dezaket zuregatik? — galde egin zuen abokatuak. – Zu Lopakaren laguna zara — erantzun zuen Kaewek — eta Lopakak erosi zizkidan gauza batzuen jabe nahi nuke egin berriz. Zuk badakizu, beharbada, arazo honen berri. Abokatuaren itxura aldatu zen. — Alferrikakoa izango da esaten didazunaren aurrean ezjakinarena egitea, nahiz eta gai horri buruz mintzatzeko gogorik ez izan. Ez dut datu positiborik, baina bai zure zerbitzurako baliagarri izan daitekeen susmo bat. Abokatuak izendatu zuen pertsonaren berri ematera ez naiz ausarten. Baina Kaewe ezezagunaren etxera joan zen, eta handik beste batera, bestera, eta bestera. Egun batzuren buruan etxe pila batetik pasatu zen. Toki guztietan erropa berridun jendea aurkitzen zuen, kotxe ederrekin, etxe egin berrietan. – Zalantzarik gabe, bide onetik noa — pentsatzen zuen Kaewek —; erropa berri hau guzti hau, kotxe eta etxe berri guzti hauek botilako duendearen opariak dira; eta ikusten ditudan aurpegi alaiak, sari bat hartu eta arriskutik hurbildu diren pazko egunetako aurpegiak dira. Aurpegi triste eta ilun bat aurkitu behar dut, botila berak duela jakiteko. Lortu zituen azken helbideak Beritania kalean bizi zen haole batenak ziren. Afaltzeko orduan iritsi zen bere etxera. Bere aurreko bisitetan bezala, nabaria zen etxe hura berria zela, lorategiko zuhaitzak hazteko denborarik ez zutela izan, eta lanpara elektrikoak, bere argitasunagatik, orduantxe jarritakoak zirela. Baina etxearen ugazaba ikusi zuenean, itxaropenaren keinua igarri zuen Kaewek. Gizon hark, nahiz eta gaztea izan, borreroaren zain zegoen sententziatu bat zirudien. Bere aurpegiak gorputz hilaren zuritasuna zuen, bere begiak itzal urdin batez inguratuak, eta ileak kopeta estaltzen zion. – Hau da nire gizona — pentsatu zuen, bere baitan, Kaewek. Eta pentsamendu hau argitara eman gabe, zera esan zion ozenki: – Botila erostera natorkizu. Hau entzun eta berehala, Beritania kaleko haole gazteak atzera egin eta horman bermatu zen. — Botila! Botila erostera zatoz! Arnasa falta zitzaiola zirudien, eta berarekin hitza. Beso batetik heldu zion Kaeweri, gela batera pasarazi eta ardo kopa bi atera zituen. – Zure osasunerako — esan zuen Kaewek, haoleen ohiturak ezagutzen baitzituen —. Errespetuz agurtu ondoren, esan iezadazu zein den botilak duen prezioa. Hitz hauek entzunaz, haolek zuen kopak txirrist egin zuen bere eskuetan, eta lurrera erori. Kaeweri begira gelditu zen gizagaixoa. – Salneurria! Salneurria! — errepikatu zuen—. Ez al dakizu? – Horregatik galdetzen dut — ihardetsi zion Kaewek —. Baina, zergatik zaude hain ikaratua? Salneurriak nolabaiteko oztopoak al ditu? – Zure denboretatik, Kaewe jauna, prezioa izugarri jaitsi da — erantzun zuen haole gazteak. – Horrek gutxiago ordaindu beharko dudala esan nahi du. Zenbat ordaindu zenuen zuk? Gaztea paper bat bezain zuria jarri zen. – Bi zentabo. – Nola! Bi zentabo? Horrek esan nahi du nik zentabo batean erosi beharko dudala, eta gero... Kaewek ezin izan zuen esaldia bukatu. Erosten bazuen ezingo zuen saldu. Botila eta duendea eroslearen eskuetan geldituko ziratekeen betirako, eta hil ondoren infemuko labeetan erretzera kondenatua egongo zen, erremediorik gabe. Beritania kaleko haole gaztea belaunikatu zen. – Eros iezadazu! Jainkoaren izenean! Eta nire aberastasun guztiak emango dizkizut. Ni eroturik nengoen prezio horretan erosi nuenean. Lan egiten nuen dendako diruak lapurtu nituen, eta ez nuen espetxerako bidea besterik. – Gizagaixoa — esan zuen Kaewek —. Arima galtzera prest zinen gorputzaren aurkako pena batetik ihes egiteagatik, eta uste duzu maitasunaren ederrak aurrean izanik, zalantzan jarriko naizela. Eman iezadazu botila. Botila Kaeweren eskuetara pasatu zen, eta berehala legena galtzeko desira formulatu zion duendeari. Honela, eta bere bizitokian, biluzik eta ispilu baten aurrean, gorputzaren orban guztiak desagertuta zeudela konturatu zen. Bere azalak haur batenak eduki lezakeen alaitasuna zuen. Baina bere arima ilundu zen, eta pentsamendu bakar bat jabetu zen bere buruaz: infernuko sutan erretzera kondenatuta zegoela. Haren irudimenean su itzal ezinak ikusten zituen, eta bere arima minetan erori zen. Kaewe, bere buruaren jabe egin, eta hotelean jotzen zuen bandaren doinua adituz, gelatik atera zen, bakardadeak mintzen baitzuen. Baina, jendetza alai haren artean nahasturik, Kaewek ezin zuen bere irudimenetik infernuko suen garra atera. Bandak Hiki-ao-ao doinua jo zuenean, berak Kokuarekin abestua zuen kantu hura, gogoeta honek bere arima gogortuz, une batean bederen, lasaitu zuen. — Egina egina dago. Onar dezagun, berriz, ona txarrarekin, eta egoera honi atera diezaiokegun probetxu guztia atera. V Lehenengo baporean, Hawaira itzuli zen. Kokuarekin ezkondu eta “Etxe Dirdiratsura” eraman zuen berarekin. Kokuarekin zegoenean, atsegina sentitzen zuen Kaeweren bihotzak. Baina emaztearengandik urruntzen zen guztietan, suaren gorria eta sugarren zarata berpizten ziren bere buruan. Arimaz eta gorputzez bereganatu zuen Kokua. Erreserbarik gabe. Bere bihotza taupadaka hasten zitzaion senar maitea bere begien aurrean agertzen zitzaionean; bere eskua Kaewerenarengana joaten zen, berez. Gainera, emakume haren izate lasai eta alaitsua ileen puntetatik behatz txikietaraino zihoan. Bere ezpainetan irribarre edo hitz atsegin bat zegoen beti. Tristurarik ez zuen ezagutzen.Oihaneko hegaztiek ez zuten berak adina kantatzen. Kokua etxeko alaitasuna zen, hiru solairuak igotzen eta jaisten beti, tximeleta balitz bezala. Kaewe pozik egoten zen berari entzun eta begira; baina borondatea baino handiagoa zen sentitzen zuen mina, eta etxeko ugazaba bazterretara joaten zen, negarrari ematera, ezin baitzuen ahaztu zein prezioetan zuen erosia mundu honetan gozatzeko bentura. Hala ere, bere malkoak edanez, Kokua abesten egoten zen behatokira abiatzeko adina balore bazuen. Baina, egun bat iritsi zen; Kokua ez zen “Etxe Dirdiratsuan” zehar ikusten. Kantuak mututu ziren. Ez bakarrik Kaewe; Kokua ere bazter ilunetara joaten zen bere negarra ezkutatzera. Bakoitzak bere txokoa aukeratu zuen, eta bien bitartean, etxearen zabala bakardadean gelditzen zen. Etsipenak ez zion Kaeweri Kokuaren nahigabea ikusten uzten. Kokuak bakar-bakarrik uzten zuelako mina izkutuan edukitzeko irribarraren beharrik ez baitzuen. Behin batean, negar ito bat entzun zuen Kaewek, eta negarra zetorren tokira agertuz, Kokua ikusi zuen, kopeta mendi parteko behatokiaren mosaikoaren kontra zuela, negarrez, azken itxaropena galdu duenak negar egiten duen eran. — Ongi egiten duzu, Kokua. Ongi egiten duzu etxe honetan negar egitean. Baina, nik hau esaten dizudanak, nire bizia emango nuke zu zoriontsu ikusteagatik. — Zoriontsu! “Etxe Dirdiratsuan” bakarrik bizi zinenean, denen ezagun, denen inbiria, irlako gizon zoriontsuena bezala, ondo bizi zinen. Zure aurpegia beti zegoen alai: barrez, abesten, egunsentia zure begietan beti. Baina Kokuarekin ezkondu zinen. Jainkoak daki zein den nik ekarritako madarikazioa. Ez dut ezer ulertzen, baina zure ezpainetan irribarrea hila dagoela ikusten dut. Edertasunez beterik, zure maitasunez beterik ikusten nuen neure burua. Zein ote da, bada, nire madarikazioa; eta zein nire senarraren zerua itzaltzen duen hodeia? — Kokua, Kokua maitea! — esan zuen Kaewek. Eta bere aldamenean eserita, bere esku artean hartu nahi izan zuen neskatxaren eskua. Berak, bortizki, uko egin zion. — Kokua gaixoa! — errepikatu zuen Kaewek - Maitea! Nik penak aurreztu nahi dizkizut. Zu nereganatzeko ahalegindu nintzen. Baina beharrezkoa duzu dena jakitea. Horrela, gutxienez, Kaewe ezbehartuaren penak ulertuko dituzu. Maite zaitudala. Eta maitasun horrengatik infernua aukeratu dudala. Hau esan ondoren, istorio guztia kontatu zion Kokuari, San Franziskoko abenturatik hasita. — Hori dena nigatik egin duzu? — oihu egin zuen Kokuak. Eta Kaewe besartean hartuz, haur baten gisa negarrez hasi zen. — Hala eta guztiz ere, infernuaren pentsamendua ezin dut burutik kendu. — Jainkoaren izenean, ez ezazu infernuari buruz hitz egin. Ezinezkoa da inor kondenatzea Kokua maitatzeagatik. Sinets iezadazu esaten dizudana: Kokuak salbatuko zaitu, edo, bestela, zurekin batera galduko da. Nigatik emana duzu arima, eta uste duzu nik ez nukeela emango nirea zugatik? – Ez, ene maitea, ez. Ehun aldiz hilko banintz ere, nire zeinua bera izango litzateke. – Zer dakizu zuk gauza horietaz? — galde egin zion Kokuak — Nik Honoluluko eskola batean ikasi nuen. Ez naiz emakume arrunta. Eta berriz esaten dizut: nik neure maitea salbatuko dut. Zer esan duzu botilaren salneurriari buruz? Zenbato bati buruz mintzatu zara? Baina mundu guztia ez da EE.UU.ko legearen menpean bizi. Ingalaterran txanpon txikiago bat dute, penike baten laurdena, zentabo baten erdia. Horrela gauzak konponduko lirateke, eroslea deabruaren eskuetan geldituko litzateke, eta ez da egongo mundu guztiaren biribiltasunean nire Kaevve bezain gizon adoretsurik. Baina Frantzia ere hor dugu. Han txanpon bat dago, zentimo izenekoa, zentaboaren bostena balio duena. Har dezagun lehenbailehen itsasontzi bat, eta joan gaitezen Frantziako irla batera, Tahitira adibidez. Han lau operazio egiteko posibilitateak daude: lau, hiru, bi eta zentimo batekoa. Gainera, zuk egiten ez duzuna nik egingo dut. Ekar ezazu muxu bat, nire bihotzeko Kaewe. Ken beldur guztia. Kokuak defendatuko zaitu. — Zeruko bedeinkapena zara! Ez dut uste Jainkoak zigortuko nauenik zurekin bat egiteagatik. Egin dezagun esan duzuna. Joan gaitezen nahi duzun tokira. Nire bizia eta nire salbazioa zure eskuetan daude. Biharamun goizean Kokua bidaia prestatzen hasi zen. Kaewek marinela zenean erabiltzen zuen kutxa hartu, eta bertan sartu zuen botila. Gero jantzi ederrenak eta alaja baliotsuenak sartu zituen. — Ez baduzu aberats baten itxura eramaten, nor fidatuko da botilaren gain esango dugunarekin? Prestaketak egiterakoan, txori bat bezain kantari zebilen Kokua; baina Kaewe lur jota zegoela ikusten zuenean, besarkatzeko eta musukatzeko gogoa sartzen zitzaion. Hala eta guztiz ere, sekretua hausteak pisu izugarria kendu ziola sentitzen zuen Kaewek; bere bidean itxaropen zelai bat irekitzen zela, bere oinak ez zirela berunezkoak, eta arnasak ez ziola biriketara haize pozoindurik eramaten. Baina haizeak sugarra mugitzen duen modura, beldurrak itxaropena kentzen zion Kaeweri; eta betirako suaren ikuskizunak berpizten ziren bere ariman. Estatu Batuetara zihoazen zurrumurrua zabaldu zen irla guztian, eta jendearen ustekabea handia zen, nahiz eta egiak emango ziena baino txikiagoa izan. Hall txalupan Honolulura joan ziren, handik San Franziskora “Umatilla”-n, haole askorekin batera. San Franziskotik Papeeteruntz atera ziren, Ozeaniako frantses irletako hiri garrantzitsuenera, ipar sortaldeko haizea zegoen egun batean. Uhinek hausten duten arrezifea ikusten zuten; Montuitiko palmondoak, goleta txikiak, hondartzako etxetxoak, eta Tahitiko mendiak eta hodeiak goian. Kaewek eta Kokuak etxe bat hartzea erabaki zuten. Eta horrela egin ere, Ingalaterrako kontsulatuaren aurrean. Han bere aberastasun guztia erakusten hasi ziren, zaldiak eta kotxeak erosiz. Dena erraza zen botila edukiaz gero. Laster izan ziren ezagunak. Denek Hawaitik etorritako atzerritar aberatsei buruz hitz egiten zuten; emakumeak Kokuaren holokuei begira, bere enkaje finei, bere karro- karrozei, eta Kaewek erabiltzen zituen zaldi indartsuei buruz. Laster ikasi zuten tahitiar hizkuntza, hitz batzuk salbu, Hawaikoaren antzekoa baita. Eta erraztasun pixka batekin hitz egiten hasi ziren unetik, botilaren salmentaren proposamena zabaltzen hasi ziren. Zaila zen, benetan, arazo honi buruz elkarrizketa bat sortaraztea, inork ez baitzuen sinesten senar-emazte haiek beren aberastasun eta osasunaren iturria lau zentimotan saldu zezaketenik. Horretarako, behar beharrezkoa egiten zen eroskeraten alde txarrak zehazki azaltzea; eta, bitatik bat, jendea adar jotze bat zelakoan barrez hasten zen, edo Kaewe eta Kokuarengandik deabuarengandik bezala urruntzen ziren. Bikotea konturatzen hasi zen aurrera joan beharrean atzera zihoaztela. Bazirudien hiri hartako biztanle guztiak ados zeudela bi deabru duendengandik ihes egiteko. Noski, gertakizun hauek aurrera jotzeko gogo guztia kentzen zieten. Eguneko neke eta nahigabeen ondoren, etxe berrian igarotzen zuten gaua, elkarri hitzik egin gabe; eta isiltasuna hausten bazen, Kokuaren negarragatik izaten zen. Askotan, otoi egiteko belaunikatzen ziren. Urduri jartzen zirenean, botila lurrean jarri eta duendearen mugimenduei begira egoten ziren. Ez zuten lorik egiten, normala denez. Eta bietatik bat loak irabazten bazuen, bestearen negar isilak esnatzen zuen. Gauerdi batean Kokua esnatu eta bere senarraren lekua hutsik zegoela konturatu zen. Leihoaren zirrikituetatik sartzen zen ilargiaren argiak agerian uzten zuen botila. Kanpoan mendebala zebilen, zuhaitzen adarretan zaratatsu, eta lurrean zeuden hostoak batetik bestera zebiltzan. Hala eta guztiz ere, bihotzaren erdiraino iritsi zitzaion oihu min bat aditu zuen Kokuak, heriotza bezain tristea. Ez zekien gizon batena ala abere batena zen. Altxatu, lehioa ireki, eta lorategiaren iluntasunean bila hasi zen. Laster ikusi zuen Kaewe, etzanda, auspez, lurrarekin bere penak itotzen. Kokuaren lehen burutazioa bere senarrarengana joan eta kontsolatzea izan zen. Baina gelan gelditzea erabaki zuen azkenik. — Zeinen ganorabakoa izan naizen, eta zeinen beldurti! Bere arima dago arriskuan eta ez nirea. Beretzat hartu zuen betirako madarikazioa. Eta dena nigatik, hain balio gutxi duen batengatik; sukarrak bere gorputza xurgatzen duela sentitzen du jadanik. Eta gau honetan ikusi behar izan dut lurrean etzanda, ilargiaren argitan, aspaldi pentsatu behar nuena pentsatzeko. Maitasuna maitasunaren truk! Kaewerena berdinduko du nireak. Arima arimaren truk! Nirea gal dadila eta ez berea. Ez zuen denbora asko igaro jazten, bere eskuetan lau zentimoak zituelarik. Kokua etorbideraino iritsi zenean, hodeiek ilargia ezkutatzen zuten; eta bere urratsak nora zuzendu jakin gabe, zuhaitz artean zegoen itzal batetik zetorren eztul hotsa entzunda gelditu zen. VI Agure on — esan zuen Kokuak —, zer egiten duzu hemen, dabilen haize hotzarekin? Agureak ezin zuen hitzik egin, eztulak eztarria oztopatzen baitzion. Atzerritar bat zela konturatu zen Kokua. – Mesede bat egingo al didazu? — galdetu zion —. Zuk ez nauzu ezagutzen, eta nik ez zaitut ezagutzen. Zu agure bat zara, eta ni neska gazte bat. Hawaiko alaba bati mesede bat egingo zenioke? – Ikusten dudanez — esan zuen agureak — zu Zortzi Uharteetako sorgina zara, eta gizon zahar bati bere arima galarazi nahi diozu. Baina zutaz zenbait gauza entzunak ditut, eta desafiatuko nuke zure azkartasuna. – Eseri zaitez. Istorio bat kontatuko dizut. Eta botilarekin hasi zenetik geroztikako Kaeweren historia kontatu zion. – Orain, dena dakizunez, begira ezazu, zure aurrean, Kaeweren arima galeraren arrazoia: ni. Zer egin behar dut? Botila niri saltzea eskatzen badiot, ez du konponbidea onartuko. Baina zu joaten bazara, berehala salduko dizu. Ni hemen egongo naiz. Lau zen- timotan eros ezazu, eta nik, berriz, hirutan erosiko dizut. Jainkoak behar ditudan indarrak emango dizkit. – Leiala izaten ez bazara, heriotza bidal biezazula eskatzen diot Jainkoari. – Jainkoak entzungo du zute otoitza. Ziur egon zaitez. Nire aldetik ezinezka da traizio egitea, Jainkoak ez baitu hori onartuko. – Eman iezazkidazu lau zentimoak, eta itxoin ezazu hemen — esan zion agureak. Kokua kalean bakarrik geratu zenean, nekatuta zegoela konturatu zen. Haizea zuhaitzetan oihumintzen zen, eta infernuko sugarren zarata zela pentsatu zuen. Ihes egiteko indarrak, eta laguntza eskatzeko arnasa falta zuela, han zegoen, geldirik ilun batean esnatzen den haur bat bezala, beldurti. Geroxeago, agurea hurbiltzen zitzaiola ikusi zuen, botila eskuan zeramala. – Zure eskabidea bete dut. Eta zure senarra agurtu dudanean, negarrez gelditu da. Gaur gauean lasai egingo du lo. Eta botila Kokuari luzatu zion. – Botila eman baino lehenago, har ezazu ona txarrarekin, eta ken ezazu daukazun eztula. – Zaharregia naiz eta hilobitik hurbilegi nago deabruari mesedeak eskatzen ibiltzeko. Baina, zer da hori? Zergatik ez duzu botila hartzen! Zalantzan al zaude? — estutu zen agurea. – Zalantzan? — ihardetsi zion Kokuak —. Ez, baina indarra falta dut. Nire eskuek uko egiten didate, nire haragia dardarka dago. Utz iezadazu arnasa hartzen, deabruaren gatibu izan baino lehenago. Bihotzez begiratu zion agureak. – Ene alaba gaixoa! — esan zuen —. Beldurti, zalantzan duzu zure nahia. Ongi dago. Utz iezadazu botila. Mundu honetan eta bestean zoriona itxaroteko zaharregia naiz. – Ez, eman iezadazu! — ohiu egin zuen Kokuak —. Hemen dituzu zure hiru zentimoak. Hain txarra uste al nauzu? Eman iezadazu botila. – Jainkoak bedeinkatuko zaitu, ene alaba! Kokuak holokuaren azpian ezkutatu zuen botila, eta etorbidean zehar hara eta hona ibili zen. Bide guztiak berdin zitzaizkion, denek infernura eramaten baitzuten. Batzuetan, oinez ibili beharrean, korrika hasten zen; bestetan karrasia lurraren kontra itotzen zuen. Infernuarekin gogoratuz, ez zituen bakarrik sugarrak ikusten, baizik eta suaren kea usaindu ere bai. Egunsentiarekin batera etxera itzuli zen. Agureak esan zion bezala, Kaewe, lasai, lo zegoen. Kokua berari begira jarri zen. – Senar maitea, lo egitea lortu duzu. Esnatzen zarenean, irribarrez abestuko duzu. Baina Kokuak ez du lo egingo, ez abestuko; ez du bakerik izango mundu honetan, ez eta zorionik datorrenean. Kaeweren aldamenean etzan, eta loak hartu zuen. Berandu zen bere senarrak esnatu eta berri ona kontatu zionean. Poztasunak ez zion utzi Kokuaren pena ikusten. Kokuak hitzik esaten ez bazuen ere Kaewe ez zen isiltzen. Kokuak ez zuen ezertxo jaten. Baina, ezertaz konturatu gabe, Kaewek irentsi egiten zuen dena. Kokua ametsetan bezala zebilen, ikusten eta entzuten. Kaewek laztantzen zuen, “nire salbatzaile” deitzen zion, irlara, “Etxe Dirdiratsura” itzultzeko mintzatzen zitzaion, eta bitartean, jan, edan eta hitz egin baino ez zuen egiten, botila erosi zion agurearekin gogoratu eta barre eginez. – Gizon ona zirudien; baina inork ezin du inor bere itxuragatik epaitu. Zertarako nahiko zuen botila? – Senar maitea — esaten zion apalki Kokuak —. Agure hark betebehar ederren bat izango zuen beharbada. Kaewek, barrez, honela erantzuten zion: – Ez dago horrelakorik. Seguru nago zahar hura alu bat dela. Eta ergela gainera. Zaila bazen botila lau zentimotan saltzea, are zailago izango da hirutan saltzea. Egia da nik zentabo bat eman nuela beragatik, eta orduan ez nekiela txanpon txikiagoen berri. Baina, egun, ziur egon daiteke botila duen azkena infernura joango dela. – Senar maitea, ez zaizu penagarria iruditzen norbera salbatzea beste baten arima infernuko sutara bidali? Nik, zure kasuan, ez nuke barrerik egingo. Ni goibel eta triste bihurtuko nintzateke. Ni botila duen gizarajoaren arimaren alde otoi egiteko belaunikatuko nintzateke. Kokuaren hitzen egia ikusi arren, Kaewe gero eta harroago jartzen zen. – Triste jarri zaitez, nahi baduzu; baina emazte on bezala lotsatu beharko zenukete. Eta hitz hauek esan ondoren, Kokua etxean utziz, kaleratu zen. VII Nork erosiko luke botila bi zentimotan? Inork ez, noski. Sakrifizioa egin eta ordu gutxitara Kokua bakarrik zegoen, bere senarra kaleratua baitzegoen. Denbora probesteko ahaleginik egin gabe, Kokua bere gelan geratu zen, botila atera eta hari begira, penetan, beldurrak botila berriz ezkutatzera behartu zuen arte. Ordu batzuen buruan etxera itzuli zen Kaewe, Kokua zalgurdi batean paseatzera gonbidatuz. – Senar maitea, gaixo nago — esan zion Kokuak —. Gainera, ezertarako gogorik ez dut. Barka, baina ezin naiz alai agertu. Kaewe haserre bizian jarri zen lehenbizi emaztearekin, eta bere buruarekin gero, Kokuak arrazoia zuela konturatzen baitzen; baita horregatik lotsatu ere. – Hona hemen zure maitasuna eta zintzotasunaren muga! Nahigabeetatik betirako libre ikusi nauzu, eta zure bihotza ez da pozten. Zure bihotza, Kokua, ez da leiala. Haserre atera zen etxetik, eta egun guztian hirian zehar ibili zen. Lagun batzurekin batera zerbait edatera joan zen. Baina, hala eta guztiz ere, damututa zegoen, biziarekin gozatzeko eskubiderik ez zuela uste baitzuen bere emaztea etxean mindurik zegoen bitartean. Gainera, Kokuak arrazoia zuela bazekien. Eta horregatik, gero eta gehiago edaten zuen. Kuadrila artean haole gogor bat zegoen, itsasgizona, Kaliforniako hondartzetan urre bila ibilitakoa, zenbait Estatutatik iheslari eta espetxean egondakoa. Ez zen gizon azkarregia eta bere hitzak itsusiak ziren; edatea gustatzen bazitzaion ere, are gehiago atsegin zitzaion bere adiskideak mozkorturik ikustea. Eta Kaewek edateko zirika zebilen. Dirua agortu zutenean, espetxean egondakoak zera esan zion: – Ea, ea, kanaka, atera dirua. Ez al duzu aipatzen beti botila bat, edo horrelako tontakeriaren bat? – Bai, aberatsa naiz. Etxera joango naiz, eta dirua ekarriko dut, nire emazteak gordetzen baitu. – Lagun, ez da ona dirua emaztearen ardurapen uztea. Kontuz, emeak itsasoa bezain txarrak baitira. Zaindu ezazu emazteak egiten duen guztia. Hitz hauek Kaewe ukitu zuten, edariarekin zentzua galdua baitzuen. – Emakume faltsua da. Hala ez balitz, nola ulertu nire poztasuna ez konpartitzea? Baina niri isekarik ez didala egingo erakutsiko diot. Hirira itzuli zirenean, espetxean egondakoari bere etxearen izkinaraino laguntzeko eskatu zion Kaewek; eta izkina hartan itxaroten zuen bitartean, Kaewe bakarrik abiatu zen etxeko ateraino. Gaua zen, eta barnean argia ikusten bazen ere, ez zen entzuten zaratarik. Kaewe atzeko atetik sartu zen bere emaztea ustekabean harrapatzeko. Kokua lurrean zegoen, etzanik, ahospez, lanparatxo bat bere ondoan, eta esne koloreko botila sama luzeduna aurrean. Kaeweren emaztea, nerbio bizian, eskuak okertzen ari zen. Senarra berari begira gelditu zen ataritik. Bat-batean beldurrak bereganatu zuen, baina salmenta gaizki atera eta botila etxera itzuliko zela pentsatu zuen, San Franziskon gertatu zitzaion bezala. Belaunak okertzen zitzaizkiola sentitu zuen. Eta alkoholaren lurrunak bere burua desegiten. Gero, ideia berri batek lotsagorritu zizkion masailak. – Asmatu behar dut hau — pentsatu zuen. Atea itxi, eta etxea inguratuz ate nagusitik sartu zen. Baina gelara sartu zenean botila desagertua zegoen, eta Kokuak, aulki batean eserita, begirada altxatu zuen, lo sakon batetik esnatuz bezala. – Egun guztian edaten aritu naiz — esan zuen Kaewek — lagun alaien artean; diru bila nator, haiengana berriz itzultzeko. Kaeweren aurpegia eta ahotsa, heriotz sententzia bat ematerakoan jartzen direnak bezain garratzak ziren; baina Kokua ez zen gauza izan hitzen zentzua eta espresioaren arteko ezberditasuna nabaritzeko. – Ongi egiten duzu, maitea. Daukazunarekin ibil zaitez. Kokuaren ahotsa itzala zen. – Bai; nik gauzak beti ondo egiten ditut. Hau esan eta kutxara abiatu zen, dirua hartzera. Botila gordetzen zuten bazterrari begiratuta, ez zuen ezer aurkitu. Bere arima itzalez bete zen. Kutxa itsasoko uhinak barnean izanda baino pisutsuagoa iruditu zitzaion, eta etxea lurruna bezain arina. – Beldur nintzen, baina arrazoiz!— pentsatu zuen — Kokuak infernuko botila erosi du! Kutxaren gainean makurturik zegoen. Zutitu zen. Baina izerdia zeriola zuen aurpegia; euriaren tantoak bezain lodi, ura bezain hotz. – Kokua, esan dizut zer gertatu den gaur. Banoa nire lagun alaien artera... Bere ezpainak irribarre hestu batean zeuden. – Barka, Kokua, berriz pattarren goxotasuna dastatu nahi dut. Barka, pentsamendu beltz batek ez dezan nire gogoa ilundu. Emazteak belaunak besarkatu zizkion, laztandu eta malkoz busti. – Nik zure ahotsetik ateratako hitz goxo bat nahi nuen, besterik ez. – Ez dezagun gehiago elkarri buruz gaizki pentsa — esan zuen Kaewek. Eta etxetik atera zen. Berarekin zeraman diru bakarra botilaren balioaren bi zentimoak ziren. Ez zuen edateko gogorik, ezin zuen edan. Bere emazteak beragatik arima saldu zuen; berak berdin egiteko asmoa zuen. Bakarrik horretarako zegoen munduan. Espetxean egondakoa zain zegoen izkinan. – Nire emazteak du botila — esan zion Kaewek —. Eta ez badiozu botila hori kentzen, ez dugu koparik izango gaur gauean. – Baina, egia al da esaten duzuna? Botila hori benetakoa al da?— Goazen lanparatxo horren argira. – Lurperatuko zaituztenean izango duzun aurpegi bera duzu. – Ba, hemen dituzu bi zentimo. Etxera joan zaitez eta nire emazteari eskain iezazkiozu botilaren truke. Botila ekarri eta nik zentimo bat ordainduko dizut, tratuaren legea erosten denagatik baino diru gutxiagogatik saldu behar baita. Baina, edozer gauza gertatzen dela ere, ez esan berari gure artean hitz egin dugunik, ezta elkar ezagutzen dugunik ere. – Lagun, ziur nago nirekin txantxetan ari zarela. – Eta, horrela bada ere, txarrik ekarriko al dizu? – Arrazoia duzu — esan zuen itsasgizonak. – Zalantza horiek uxatzeko, botilarekin etxetik ateratzen zarenean dirua eskatu, ron pinta bat, edo beste edozer gauza, eta duendeak ahalmenik duen ala ez ikusiko duzu. – Froga dezagun, bada, kanaka. Baina zinez esaten dizut txantxetan bazabiltza nire ganibetaren punta ezagutuko duzula. Marinela etorbidean gora joan zen, Kaewe toki berean zain zuen bitartean. Han bertan egon zen Kokua bezperan agure zaharrarekin. Zain egondako minutuak mende osoak iruditzen zitzaiozkion Kaeweri; baina, azkenik, ahots bat entzun zuen itzalen artean kantari. Preso ohiaren ahotsa zen, eta Kaewe harritu zen mozkorturik zegoela nabaritu zuenean. Nola mozkortu ote da honen azkar? Balantzaka zetorren marinela. Berokiaren patriketan zeraman botila, eta, eskuan, beste bat, edateko altxatzen zuena. – Operazioa egin duzula argi dago — esan zuen Kaewek —. Ez dago zalantza izpirik. – Kontuz! Hurbiltzen bazara, muturra hautsiko dizut! – Ez dut ezer ulertzen. – Ez duzula ezer ulertzen? Botila honek Kaliforniako urre guztiak baino gehiago balio du. Ez dakit zergatik saldu didaten bi zentimotan; baina seguru egon zaitez zentimo batengatik ez dizudala salduko. – Ez duzula saldu nahi, esan al duzu? – Ez jauna; ez dut saltzen. Nahi baduzu ron pixka bat edaten utziko dizut. – Esan dizut botila hau duena kondenatua dagoela. – Eta zer? Hala eta guztiz ere ni infernura joango naiz, eta nahiago dut nire botilarekin joan. – Esaten dizudana kontuan izan, eta sal ezazu. – Esaten duzuna ez dut sinesten. Engainatu nahi izan banauzu, zu izan zara engainatua. Ez duzu nahi ron trago bat? Ba zure partez edango dut. Eta gabon. Hirirantz abiatu zen itsasgizona, bere botilarekin etorbidea jaitsiz. Haizea bezain arin, Kaewe Kokuarengana joan zen. Handia izan zen bientzat gau hartako poza. Botila betirako desagertu zen, eta senar-emazteak “Etxe Dirdiratsuan” bizi dira, bakean.
Lurra unibertso izartsuaren erdigunea dela eta mundu habitagarri bakarra dela dioen teoria berpitu du Alfred Russell Wallasek, eta interes handia sortu du munduan. – LITERARY DIGEST Guri dagokigunez, guztiz sinesten dugu gizona, lur nimiño honetantxe bizi delarik, existentziarik sublimeena dela, bai esentzian eta bai posibilitateetan, jainkozko ez diren izaki guztien artetik, eta bera dela Jainkoaren kutuna eta bozkariorik handiena. – Chicagoko INTERIOR eliza presbiterianoa. ZIENTZIALARI eta teologo bakarra naiz, antza, oraindik iritzia eman ez duena gai garrantzitsu honetaz, alegia, mundua gizakiarentzat egin ote zen ala ez. Uste dut badudala berba egiteko garaia. Ia bat nator besteekin. Haiek uste dute mundua gizonarentzat egin zela, nik uste dut litekeena dela mundua gizonarentzat egin izana; haiek uste dute frogarik badagoela, gehienbat froga astronomikoak, mundua gizonarentzat egin izanarenak. Nik uste dut ebidentziak bakarrik daudela, ez frogak, hala izatearenak. Dena dela, goizegi da epaia emateko, oraindik ez dauzkagu datu guztiak. Denak dauzkagunean, uste dut erakutsiko dutela mundua gizonarentzat egin zela, baina ez gara aurreratu behar, pazientziaz itxaron behar dugu guztiak eduki arte. Orain arte, astronomia gure alde dago. Wallace jaunak argi erakutsi du. Gauza bi erakutsi ditu argi: mundua gizonarentzat egin zela, eta unibertsoa munduarentzat egin zela... zera, badakizue: munduari eusteko. Astronomiaren partea finkatuta dago eta ezin daiteke zalantzan jarri. Orain geologiaren partera gatoz. Hauxe da ebidentzia guztiak oraindik bildu ez ditugun partea. Heltzen ari dira —orduro, egunero, etengabe— baina, jakina, zuhurtzia eta geldotasun geologikoarekin datoz, eta ez gara pazientzia gutxikoak izan behar, ez gara urduri jarri behar, lasai egon behar gara eta itxaron. Patxada galtzeak ez du geologia azkartuko; ezerk ez du azkartzen geologia. Denbora luzea behar da gizonarentzako mundu bat prestatzeko, halako gauza bat ez da egun batean egiten. Zientzialari handietako batzuek, geologiaren ebidentziak kontu handiz zenbakietara ekarririk, ondorioztatu dute gure mundua miragarri zaharra dela, eta zuzen egon daitezke, baina Lord Kelvin ez da iritzi horretakoa. Tentuz eta ikuspegi kontserbakorraz hartzen du kontua, eremu labainean ez sartzeko, eta ziur dago mundua ez dela haiek uste bezain zaharra. Lord Kelvin denez bizi den autoritaterik handiena zientzian, uste dut amore eman behar dugula eta haren ikuspegia onartu. Ez du onartzen munduak ehun miloi urte baino gehiago dituenik. Uste du urte horiek dituela, baina ez gehiago. Lyellek uste zuen gure arraza orain dela 31.000 urte ekarri zela mundura, Herbert Spencerrek, berriz, orain 32.000 urte. Lord Kelvin bat dator Spencerrekin. Oso ondo. Zenbaki horien arabera, 99.968.000 urte behar izan ziren mundua gizonarentzat prestatzeko, zein ere irrikatsu zegoen Sortzailea, duda barik, gizona ikusi eta miresteko. Baina hori bezalako ekimen handi bat kontu handiz, ardura arduratsuz, logikaz burutu behar da. Aurreikusita zegoen gizonak ostra eduki behar zuela. Beraz, lehendabizi ostrarako prestaketak egin ziren. Oso ondo; ezin daiteke ostra bat hutsetik sortu, lehendabizi ostraren arbasoak egin behar dira. Hori ez da egun batean egiten. Hamaika ornogabe mota egin behar dira, hasteko —belemniteak, trilobiteak, jebusitak, amalekitak1 eta txikikeria horiek guztiak— eta itsaso primigenioan beratzen utzi, eta gero itxaron ea zer gertatzen den. Batzuk desengainu hutsa izango dira: belemniteak, amoniteak eta halakoak; huts egingo dute, hil egingo dira eta desagertu, esperimentuak irauten duen hemeretzi milioi urteetan zehar, baina dena ez da galduta egongo, amalekitek urre mehea aurkituko baitute; apurka-apurka garatuko dira, eta enkrinita, estalaktita eta berbalapikita2 bihurtuko dira, eta gauza bat bestearen atzetik, periodo ahaltsuak irristatu ahala eta periodo arkearrak eta kanbriarrak beren harkaitz larriak itsaso primordialetan pilatu arau, azkenean amaituta egongo da mundua gizonarentzat prestatzeko lehen etapa nagusia: ostra eginda egongo da. Ostra batek ez dauka zientzialari batek baino arrazoimen handiagoa; eta, hortaz, nahiko litekeena da hark, ostrak, berehala ondorioztatu izana hemeretzi milioi urteak berarentzako prestaketa izan zirela; baina hori guztiz tipikoa litzateke ostrarengan, dagoen animaliarik harroputzena, gizona alde batera utzita. Eta, edozelan ere, hark ezin izango zuen jakin, sasoi goiztiar hartan, bera plan baten barruko gorabehera bat baizik ez zela, eta planean gauza gehiago zeudela oraindik. Ostra behin lortuta, mundua gizonarentzat prestatzeko bidean atondu beharreko hurrengoa arraina zen. Arraina eta ikatza, arraina frijitzeko. Eta, beraz, itsaso siluriar zaharrak ireki egin ziren arrainak beren magalean hazteko, eta aldi berean hasiera eman zitzaion hogeita bost mila metroko Hareharri Gorrizko Mendi Zaharrak eraikitzeko lan eskergari, arrainon fosilak hotzean gordetzeko. Azken hori nahiko ezinbestekoa zen, berriz ere hamaika hutsegite egongo zirelako, hamaika desagertze —milioiak— eta merkeagoa eta errazagoa izango zelako horiek harri barrenean ontziratzea, ezen ez liburu batean haien kontu eramatea. Batek ez ditu ikatz hobiak eta hareharri gorrizko mendi zahar perpendikularren hogeita bost mila metro arineketa batean egiten... Ez: hogei milioi urte behar izan ziren horretarako. Hasteko, ikatz hobi bat osatzea kontu geldo, arazotsu eta nekagarria da. Iratze zuhaitzen eta ihien eta kalamiteen eta halako gauzen baso itzelak landatu behar dira eskualde aintziratsu batean; gero urperatu egin behar dira bistatik galdu arte, eta usteltzen utzi; gero errekak bideratu behar dira horren gainera, sedimentu metro batzuen azpian lurperatzeko, eta denbora behar da sedimentua gogortu eta harri bihurtzeko; hurren, beste baso bat landatu behar da horren gainean, gero hondoratu eta haren gainean beste geruza bat sedimentu jarri, eta gogortzen utzi; gero baso gehiago eta harri gehiago, geruzaz geruza, bost kilometro sakon... Ai, zinez lan ernegagarri geldoa da ikatzkada bat egitea, eta ondo egitea! Hala, milioika urteak aurrera doaz tirriki-tarraka; eta bitartean hor dabil arrain jendea, alferkeria hutsean eta guztiz gogaikarri, edonor nazkatzeko moduan. Hamar mila arrain mota garatu dituzu ostratik abiatuta, eta, begiratzera zoaz, eta fosilak baino ez dituzu sortu, gauza desagertuak besterik ez. Ez da geratzen gauza bizidunik edo aurrera egiten duenik, salbu eta ganoideo bat edo beste, eta agian dozena erdi bat asteroideo. Katuak ere ez luke halakorik jango. Hala ere, ez dauka ardura handirik; oraindik denbora asko dago, eta horiek gauza gozoren bat bihurtuko dira gizona haientzat prest dagoenerako. Ganoideo batez ere fida zaitezke horretarako, hirurogei milioi urtean ezer eskatzen ez badiozu. Paleozoikoaren mugara helduta, orain mundua gizonarentzat prestatzeko hurrengo etapari ekin behar zitzaion, Mesozoikoaren irekierarekin eta zenbait narrastiren eraketarekin. Izan ere, gizonak narrastiak beharko zituen. Ez jateko, haiengandik garatzeko baizik. Hori planaren xehetasunik garrantzitsuena izanik, esku zabalez esleitu zitzaion denbora tarte astitsua: hogeita hamar milioi urte. Zelako mirariak etorri ziren! Geratzen ziren ganoideo, asteroideo eta alkaloideoetatik, hazkuntza geldo, etengabe eta lantsuaren ondorioz, saurio ikaragarri haiek garatu ziren, antzinateko aro urrun haietan mundu lurruntsuan zehar firin-faran ibili ohi zirenak, suge buruak hamar metroko altueran jasorik eta hogei metro gorputz eta buztan atzetik lasterka eta astinka zituztela. Joanak dira guztiak orain, helas... denak desagertuak, salbu eta hemen, lekutako puntako eskualde eta sasoi honetan, gurekin geratu diren arkansaurio3 errari eta bakartien mordoxka hori. Bai, hogeita hamar milioi urte eta hogei milioi narrasti behar izan ziren behar adina iraungo zuen bat lortu arte, hori beste zerbait bihurtzeko eta planaren hurrengo urratsera pasatzeko. Orduan pterodaktiloa azaldu zen munduan bere arrandi eta handitasun guztian, eta Natura osoak aitortu zuen atalase zenozoikoa zeharkatua zela eta periodo berri batek irekia zuela denda, aro berri bat hasia zela globoa gizonarentzat prestatzeko bidean. Izan liteke pterodaktiloak pentsatu izana hogeita hamar milioi urteak bera prestatzeko izan zirela, pterodaktiloarentzat ez baitzegoen burutazio tontoegirik, baina oker zegoen: prestaketa gizonarentzat zen. Zalantzarik gabe, pterodaktiloak arreta handia erakarri zuen, begi lausotuenak ere ikus baitzezakeen harengan txori baten hasiera zegoela. Eta halaxe suertatu zen. Baita ugaztunaren hasiera ere, denborarekin. Gauza bat aitortu behar diogu: ikusgarritasunari dagokionez, bere periodoaren garaipen hutsa izan zela; hegoak eta hortzak zeuzkan, eta nahasketa almidonatu eta zoragarri bat zen oro har, Kipling-en marinelaren urruneko sintoma premonitorio halako bat: Eztozu erregimentukue, eztabe tripulazinukue, arimafrodita xelebrie: marinel ta soldadue! Hortik aurrera, ia beste hogeita hamar milioi urtez, prestaketak arin egin zuen aurrera. Pterodaktilotik txoria garatu zen; txoritik, kangurua, kangurutik beste marsupialak; horietatik mastodontea, megaterioa, nagi erraldoia, altze irlandarra, eta jendetza hori guztia, fosil erabilgarri eta didaktikoak lortzeko balio duena. Orduan lehen Izotz Geruza handia etorri zen, eta guztiak erretiratu ziren eta zubia zeharkatu zuten Bering Itsasartetik, eta Europa eta Asiatik ibili ziren bueltaka, eta hil egin ziren. Denak, gutxi batzuk izan ezik, prestaketarekin jarraitu ahal izateko. Sei glaziaziok, bi milioi urteko tartea egonik batetik bestera, akuilatu zituzten umezurtz koitadu horiek lurrean gora eta behera eta bueltaka ibiltzera, eguraldi batetik bestera —poloetako sargori tropikaletik ekuatoreko antzigar artikora, eta buelta berriro, eta aurrera eta atzera— behin ere jakin barik hurrengoan zelako eguraldia egingo zuen; eta lekuren batean ezartzen baziren, bat-batean kontinente osoa hondoratzen zen haien azpian inongo abisu barik, eta lekua trukatu behar zuten arrainekin, eta zalaparta batean alde egin itsasoa egondako tokietara, soinean zarpail lehorrik apenas ez zeukatela; eta beste ezer gertatzen ez zenean, sumendi bat pizten zen eta ziztuan bidaltzen zituen ezarrita egon ziren lekutik. Bizimodu ezegonkor eta ernegagarri hori eduki zuten hogeita bost milioi urtez, denboraren erdian ur azalean, denboraren erdian lehorrean, eta beren buruari beti galdezka zertarako ote zen hura guztia, inoiz susmatu barik, jakina, hura gizonarentzako prestaketa zela, eta horrelaxe egin behar zela, bestela ez baitzen egongo toki egoki eta harmoniatsurik berarentzat mundura heltzen zenean. Eta azkenik tximinoa heldu zen, eta edonork ikusten zuen orain gizona ez zebilela oso urrun. Eta, egiaz, halaxe zen. Tximinoak garatzen jarraitu zuen bost bat milioi urtez, eta orduan gizon bilakatu zen... itxura guztien arabera. Horixe da historia. Gizonak 32.000 urte daramatza hemen. Mundua harentzat prestatzeko ehun milioi urte behar izanak frogatzen du mundua berarentzat egin zela. Diot nik ba. Eztakit. Eiffel Dorreak munduaren adina irudikatuko balu, gailurreko bolaren pintura geruzak irudikatuko luke adin horretatik gizonari dagokion zatia; eta edonor konturatuko litzateke geruza horrentzat eraiki zela dorrea. Esango nuke, eztakit. Oharrak [←1] Itzultzailearen oharra: Belemniteak eta trilobiteak biologiako terminoak dira, eta gaur egun desagertuta dauden bi bizidun mota adierazten dituzte. Jebusitak eta amalekitak, berriz, Biblian aipatzen diren tribuak dira. [←2] Berriz ere, Twainek, umorez, benetako termino zientifikoak nahasten ditu hala ez direnekin, kasu honetan asmatutako hitz batekin. Enkrinita eta estalaktita geologiako terminoak dira, baina berbalapikita (ingelesez, blatherskiter) ez, jakina. [←3] Arkansaseko biztanleen gaineko txantxa.
AURKIBIDEA AURKIBIDEA Abereen hizkuntza Ahoa, besoa eta hanka nola elkartu ziren Aitaren bila Anaia jakintsuak Armiarma eta basakatua elkarrekin ehiztari Armiarmaren egiak Anaia bikiak Astoak basotik zergatik ihes egin zuen Behi isats batez egindako makila Burutxo eta buztantxo berriro nola elkartu ziren Eguzkia eta ilargia Emakume aberats-nahia Gaitz egile gaitz hartzaile Gasirren arrabita Gizon bat eta lau emazte Goso, historia kontalaria Igelarekin bidaiari Ilargia nola egin zen Ipuinak nola asmatu eta zabaldu ziren Lehoia, hiena eta katagorria Mutiko harrigarria Munduan izan ziren lehenengo gizonak Nguranguran, krokodiloaren semea Bizitza munduan zehar nola ibili zen Oiloa eta mirua Oparotasunaren adarrak Printzesa harroa Salbatzailea salbatu Sagua eta katua Sadko musikaria Ergela Txakala eta lehoia Untonbinderen historia Uretako izpiritua Saguzarrak zergatik lo egiten duen buruz behera. Zein buruargiena Zein koloretakoa da kameleoia? Zer den zailena Zergatik esaten den gonbitak zor duela gonbita Zerria eta elefantea Abereen hizkuntza Ioruba herriaren ipuina. Afrika. Behin batean gizon batek abereen hizkuntza ikasi zuen. Haiek esaten zuten guztia ulertzen zien; sekretu hura, ordea, inori ez zion azaldu behar, bestela bizitza galtzeko zigorpean. Gizon horrek bazituen idi bat eta astoa. Astoak ez zuen lan handi-handirik izaten. Nekazaria bizkarrean erabiltzea, horixe, hark norabait behar zuenean; idiak berriz soroko lanetan jardun beharra izaten zuen egun osoan, eta nekearen nekez jateko ere gogorik ozta-ozta izaten bazuen. Etxera ahala harria bezalaxe erortzen zen, lo. Egun batean idiak esan zion astoari: – Hi bai, hi ederki bizi haiz. Jakin ere ba al dakik hik zer den lana? Nik berriz… – Heurea duk errua —erantzun zion astoak. – Nirea errua? —idiak, harriturik, haserretzen hasi ez hasi ez zekiela. – Heurea noski, errua. Bihar, etxeko morroia soro-lanetarako prestatzera doakianean, ez hadi batere jaiki. Hago etzanda, joka hasten bazaik ere. Egizak nik esana, utziko hau bakean. Astoa idiari ematen ari zitzaion aholku hura entzunik, bere baitarako barrez hasi zen nekazaria. Biharamunean, morroiak idia ezin jaikiarazi izan zuenean, esan zion: – Utzi ezak idia, nahikoa lan egin dik. Jar ezak astoa haren ordez. Astoa aritu zen lanean egun osoan. Gauerako ia ezin zion bere buruari eutsi ere lau hanken gainean, hain zegoen etenda gaixoa. Idia berriz, egun osoan atseden ederrean egona, umore oneko zegoen, eta honela agurtu zuen astoa ukuilura itzuli zenean: – Ona eman hidan aholkua, adiskidea, oso ona aholkua. Jan eta lo, dotore egon nauk egun osoan. Gaur bezalaxe egin behar diat bihar ere. Hurrengo egunean ere idiaren lanak egin beharko zituelako kezkaturik, astoak esan zion: – Hire lekuan bihar lanera joango nindukek ni. Jabeari entzun zioat gaur, bihar zintzo jaiki eta lanera joan nahiko ez bahu, harakinenera saldu behar hinduela. – Eskertzen diat abisu hori ere —erantzun zion idiak—. Bihar lanera beharko diat hortaz. Zeren hobe duk lanean nekatu ezen ez gizendurik hil. Nekazariak hitz horiek entzunik barre egin zuen bere baitan. Emaztea ondoan baitzuen, galdetu zion: – Zergatik barre egiten duzu? – Horixe ezin dizut esan, bestela bertan hilko nintzateke-eta. – Sekretuak ditugu, hortaz, emaztearentzat? Horrela tratatzen nauzu horrenbeste urtez elkarrekin ezkonduta egon izana? —hasi zitzaion errieta eta marmar, gau osoan, biharamunean eta hurrengoan eta hurrengoan… harik eta egun batez nekazariak bere baitarako gogoeta egin zuen arte: – Hobe diat hil, horrela bizi baino. Damutuko zaiok ederki hil eta lurperatu nautenean. Eta horretarako deliberoa harturik, bainatu zen, jantzi garbi dotorez jantzi zen eta esan zion emazteari: – Gurasoei bisita egitera noa. Gaur gauean, handik itzuleran, azalduko dizut zergatik egiten nuen barre, eta ondoren hilko naiz. – Azkenik ezagutuko dut zure sekretua —poztu zen emaztea, eta segundotxo batez ere ez zitzaion burutik pasa senarra galdu behar zuenik. Nekazaria gurasoak ikustera joan zen. Haiekin egonaldi bat egin ondoren, agurtu eta etxerantz abiatu zen. Emaztearengana sartzera zihoala, txakurrari entzun zion oilarrari esaten: – Gure nagusia gaur hilko da. – Zer bada? —galdegiten zion oilarrak harriturik—. Itxuraz behintzat osasun ederrean dago-eta. – Gordean zuen sekretua emazteak ezagutu nahi duela, eta esaten badio hil egingo da. – Zer dela-eta esan behar dio bada? —erantzun zion oilarrak. – Agindu egin dio esango diola. – Gure nagusi honek ez du zentzua soberan —esan zuen marmar artean oilarrak buruari eraginez—. Ez daki emakumeak nola dantzatu. Berrogeita hamar emazte ditut nik, eta ondo zuzen guztiak; horrek bat, eta huraxe nola zuzendu asmatu ezin. – Zer egingo zenuke, bada, zuk? —galdetu zion zakurrak. – Nik zer? Makilak zertarako dira, bada? Bizkarreko on batzuk eman, egurtu ondo-ondo, eta akabo inoren sekretuak ezagutu beharrak —erantzun zion oilarrak. Hori entzunik nekazariak bere baitarako pentsatu zuen: – Ez du arrazoi gutxi oilar horrexek. Ez dakit non galdu dudan nik zentzua. Besoaren lodiko makila bat harturik, bizkarrak bero-bero egin zizkion emazteari: – Zergatik jotzen nauzu? —egiten zion hark. – Nire sekretua jakin nahiago zenuelako ni bizirik eduki baino. – Gelditu! gelditu! Ez dut ezer jakin nahi! Ez dut ezer jakin nahi —erregutzen zion emazteak. Eta harrezkero nekazaria eta emaztea, hainbestean bizi izan ziren biak elkarrekin. Ahoa, besoa eta hanka nola elkartu ziren Baule herriko ipuina. Afrika. Antzina-antzinako garaietan, artean munduak osoa izateko asko falta zuenean, ahoa, besoa eta hanka elkarrekin abiatu ziren txango bat egitera. Lasai eta pozik zebiltzan elkarren ondoan; garai hartan, izan ere, egin zezaketen hori, elkarrengandik bereziak eta libre baitziren hirurak. Luzaro ibili ziren, harik eta horretan zingira batera iritsi ziren arte. Zingira horrek fama txarra zuen inguru hartan, eta nahiago izan zuten itzuli bat egin, zuzenean sartu baino. Izan ere, esaten zenez, zingira hartan sartzen zena, galdua zen betiko. Eta horrexegatik zingira hura arrainez bete-betea zegoen. Nolako arrainak, gainera! Ahoari, arrain puska eder bat ikusirik, jateko gogoa sartu zitzaion. Tamalez, ordea, arkua eta geziak ez zituen aldean. Besoari eskatu zion beraz: – Utzizkidazu, mesedez, arkua eta geziak. Besoak utzi zizkion. Ahoak tinkatu zuen arkua, jaurti zuen gezia, baina ez zuen jo arraina, eta zingirako uretan galdu zen. Besoa haserre bizi-biziak hartu zuen eta oihuka eraso zion ahoari: – Itzul iezadazu gezia; nire gezia, ez dut beste bat nahi. Eskubidea dut horretarako. Murgildu zaitez uretan eta ekar iezadazu nire gezia. – Ez nazazu, arren, horretara behartu —esaten zion ahoak— ez duzu nahiko ni hiltzea, horratik? Besoak, ordea, ez zuen entzun ere egin nahi besterik. Hala ere, uretan murgildu aurretik berriro herrira itzultzeko ados agertu zen. Herrian ahoaren adiskide guztiak ahalegindu ziren besoa baretzen eta ahoa uretan murgiltzera behartu ez zezan buruan sartzen: horren ordez beste gezi berri-berri bat eskaini zioten, eta hura nahi ez bazuen, berak nahi zuen beste edozer gauza, berak esan. Ez alferrik. Besoak ez zuen atzera egiten, bere gezia nahi zuen. Hankak, asper-asper eginik baitzegoen historia horiez guztiez, alde egin zuen. Halaxe zingirara itzuli ziren. Ahoa uretan murgildu zen, barrenera eta barrenera, geroz eta barrenerago, baina ez zuen gezirik aurkitu. Zingiraren hondo guztia arakatu zuen, eta herritxo bat topatu zuen, uretako izpirituen bizilekua. Itxura beldurgarria zuten. Batek bidea itxi zion, esanez: – Zeren bila zabiltza zu hemen? Ez al dakizu hona datorrena galdua dela? Ahoak beldur ikaratan erantzun zion: – Gezi baten bila ari naiz, ezin dut itzuli hura gabe. Uretako izpiritu hark ahoa horren beldurturik ikusita, errukitu, eta esan zion: – Zaude lasai, ez zaitugu horregatik jango eta. Zoaz harako etxola hartara, hantxe aurkituko duzu gezi hori. Eta bide batez, har ezazu jostailu bat, gustukorik baduzu. Ahoak han aurkitu zuen gezia, eta baita ilargi batzuk ere, etxolan. Garai hartan, izan ere, oraindik ez zen ilargirik zeruan. Ahoak ilargi bat hartu eta aingira baten gisan alde egin zuen handik. Ahoa zingira ertzera iritsi zenerako gaua zen. Halaxe ohartu zen eman berria zioten jostailuak berebiziko distira zuela. Eztiaren koloreko argia ematen zuen, eta ederki erakusten zion bidea. Pozarren zihoan ahoa, munduko zuzirik ederrena zeramalako. Biharamunean itzuli zion gezia besoari, eta erdeinuz esan zion: – Ez zenuen uste berriro ikusi behar ninduzunik, baina ikusten duzu huts egin duzula. Eta zaude, oraintxe erakutsiko dizut egin didaten oparia! Zuk jarri behar duzu aurpegia! Herritar guztiak ilunabarreko dantzarako elkartu zirenean, ahoak zuzia erakutsirik korroaren erdi-erdian jarri zien. Ilargiak bere argi ezti-koloreaz dantzariei argi ematen zien; izatez haiek ere ez ziren dantzan ari, txunditurik baitzegozkion begira-begira jostailu argi-emaile hari. Horretan besoak korro erdira jauzi egin eta ilargia beretzat hartu nahi izan zuen. Ilargia izutu zen, eta etxola baten teilatu gainera egin zuen jauzi. Ahoak oihu egin zion besoari: – Laga nire jostailua bakean, ikusiko duzu bestela eta! Besoak ordea, ilargia harrapatu nahi zuen, eta etxola-teilatura igo zen haren atzetik. Ilargiak gorago ihes egin zion, gora eta gora, zeruraino. Haren errainu urre kolorekoak iluntasuna argitzen zuten, eta hainbesteraino argitu ere non gauez aski ongi ikusten baitzen argizagi haren argitan. “A!” eta “A!” hasi ziren denak, harriturik; eta harrezkero gauero azaltzen da ilargia zeruan, distiraz. Ahoak eta haren lagun guztiek beren jostailua itzultzeko eskatu zioten orduan besoari. Besoak otoi eta arren eskatzen zien barkatzeko, beste edozer emango zietela ordainetan: alfer-alferrik ordea. Herriko agureek erabaki zuten auzia: besoa ahoaren esklabo izatera kondenatu zuten. Eta halaxe jarraitu du gaur egun ere. Besoak biltzen du garia, hark biltzen ditu fruituak, hark ehizatzen eta arrantzan egiten, ahoak zer jan izan dezan. Hanka ibili eta ibili dabil oraindik ere; batzuetan, hala ere, gizonak nahi ez zuen lekuetara ere bai, hain zuzen. Aitaren bila Karanga herriko ipuina. Afrika. Aspaldiko garai batean baziren senar-emazte batzuk; etxola bazuten baina haurrik ez. Egun batean emaztea haurdun zegoela ohartu zen. Senarrari berri ona eman zion, eta hark, pozaren pozez, desira zuen guztia beteko ziola agindu zion. – Bazkari gozo-gozo bat nahi nuke —esan zion emazteak. – Esadazu zer nahi duzun eta berehalaxe ekarriko dizut —erantzun zion senarrak. Emazteak, ordea, arrautzak eskatu zizkion, eta senarra arras ikaratu zen. – Badakizu gure artean haurdun den emazteak ez duela arrautzarik jan behar. – Nik ordea horixe nahi dut, eta ez besterik —jarraitu zion emazteak—. Hain ederrak dira gainera, eta hain kolore politak ditu egiten dituen txoriak. Azpiko lumak gris zurixkak ditu, ke arin bat bailitzan, eta bizkarra eta isatsa beltz-beltza, ikatza bezala. Hegoak grisez marratuak ditu, ilunabarreko zerua bezala. Mokoa ere beltza du, eta hankak gorriak. Gandorra ere badu, gandor arrea! —Eta halaxe pozaren pozez, urduri, txaloka jarraitzen zuen aurrera emazteak, hegazti hark zituen gauza eder guztiak kontatzen. Gizonaren aurpegia, berriz, lehendik beltza bazen, arre, gris, koloregabetu egin zen bat-batetik. – Zaude isilik, andrea —esan zion oihuz, heriotz-ikara batek harturik—. Esaten ari zaren txori hori hegazti sakratua da! Emazteak ordea halako grina zuen arrautza haiek jateko non, haiek ezean, gaixotu egin baitzen. Horregatik, bada, senarra arrautza haien bila abiatu zen; eta aintzira baten ertzera iritsi zen. Aintzira haren erdian bazen uharte bat, uhartean zuhaitz bat, eta zuhaitz hartan hegazti zuri-beltzaren habia. Gizona, harkaitzez harkaitz eta harriz harri ibiliz eta jauzi eginez uhartera iritsi zen eta zuhaitzera igo. Gizonak bazuen esperantza habia hutsik egongo ote zen. Ez ordea; lau arrautza zeuden habian, arrautza urdin arin batzuk, zeruak goiza esnatzen denean izaten duen urdin garden argikoak. Pintarratu samarrak ziren hala ere, zenbait puntutxo ilun-gorriz han eta hemen margotuak. Gizonak eskua luzatu zuen, etsipenez eta hasperenka, arrautza haiek hartzeko; une horretantxe, ordea, oinak irrist egin zion, zigortu beharko balu bezala, gizona aintzirako uretara erori zen, eta krokodiloek jan zuten. Zigortzeko agian. Handik gutxira emazteak hiru seme ekarri zituen mundura, mutilak hirurak. Oso izen bitxiak jarri zizkien: lehenengoari Ekarle jarri zion izena, bigarrenari Antolatzaile eta hirugarrenari Berpiztaile. Amak ere ez zekien zergatik izen haiek. Deitorez ari zen bere senarra galdu izanagatik, eta damu zuen, zinez, hura heriotzara bultzatu izana. Haurrak zerbait nagusitu zirenean aitaren berri galdetu zioten amari. Amak egi-egia esan zien, beraiek jaio baino lehentxorago hegazti sakratuaren arrautzen bila nola joan zen, eta nola handik gehiago itzuli ez zen. – Debekatuta dago hegazti sakratuaren arrautzak lapurtzea, ordea —esan zioten, harriturik eta ikaraturik, amari—. Bekatu horren zigorrez hila da, ziur. – Zuen aitak gauza debekaturik egin bazuen, nire erruz egin zuen, nik eskatuta egin zuen-eta. Eta baita zuengatik ere, nire sabelean baitzineten —esan zien amak negarrez—. Bihotz oneko gizona zen zuen aita. – Geuk bilatuko dugu —esan zuten hiru semeek, eta aintzirarantz abiatu ziren. Ekarle uretan murgildu zen; aitaren hezur guztiak bildu eta uhartera atera zituen. Antolatzailek hezur guztiak zein bere lekuan jarriz antolatu zituen. Berpiztailek hatsa emanez hezurrei bizia eman zien, haizeak palma hostoei eragiten dienean bezala. Aita bizirik zen berriro, eta pozaren pozez nahi zuten guztia emango ziela eskaini zien semeei: – Iguzu txahal bat jateko. Hiru semeak bere aurretik herrira bidali zituen, berpiztu zelako berria zabal zezaten. Bera iritsi zenean, txahal bat hil zuen, erre zuen eta semeei jaten eman zien. Semeek, ordea esan zioten: – Aita, norbait falta da oraindik. Zatoz gurekin etxera. Eta etxera eraman zuten. Amak negarrez hartu zituen: – Barazkiak prestatu dizkizuet, eta baditut hosto batzuk okela jar dezazuen. Zatozte eta jan ezazue! —eta bere zoko batean ezkutatu zen. Aitak, ordea, esan zion: – Zatoz zu ere, andrea, jan ezazu gurekin, eta egon gaitezen denok elkarrekin. Poz-pozetan igaro zen otordua, eta zorionez bete-beterik zeuden guztiak. Amak ez zuen gehiago gaitzerako baliatu nahi izan aitaren bihotz ona, eta inoiz ez zion berriro eskatu hark ongi irizten ez zion gauzarik. Anaia jakintsuak Uzbek herriko ipuina. Asia. Urruti-urrutiko lurralde batean bazen behin gizon jakintsu bat, hiru seme zituena. Jakintsu hark, aurki hil behar zuela sumatu zuenean, bere ondora etortzeko hots egin zien semeei: – Nire semeak, ni banoa —esan zien—. Ez dut artalderik ez beste abererik; ez dut urrerik ez zilarrik, zer utzi. Baina inon den ondasunik preziatuena eman dizuet: arrazoiz pentsatzen erakutsi dizuet, eta hil naiteke bakean. Hitz horiek esanik, betiko itxi zituen begiak. Handik puska batera, hiru anaiak elkarrekin bildu ziren etorkizunaz hitz egiteko, eta honela erabaki zuten: – Goazen mundu zabalean ibiltzera. Nola edo hala aterako dugu bizimodua; horrek ez dio askorik axola. Baina ikasteko aukera dugun guztia ikasiko dugu, eta hala bi bider edo gehiago aberastuko dugu aitak utzi zigun herentzia. Biderako abioak egin eta hornizioak bildurik, mundu zabalean ibiltzera abiatu ziren. Ibili eta ibili, lurralde idorrak, basamortuak, mendi garaiak igaro zituzten. Berrogei egunez ibili ziren, gelditu gabe. Jateko hornizioak bukatu zitzaizkien, goseak eta egarriak ez zieten atsedenik ematen. Nekeak akiturik zeuzkan; ezin zuten aurrera urrats bat eman. Horretan zuhaitz batzuk ikusi zituzten urrutitik; hiri bat zen han. – Goazen bizkor, hor bada jendea eta —esan zuten pozaren pozez, oinetako mina eta nekea ahazturik. Anaia zaharrena aurrean zihoan, eta bi gazteenak atzetik. Horretan anaia zaharrena gelditu eta beste biei esan zien: – Aspaldi ez dela gamelu bat igaro da hemendik. Bospasei urrats eginda, anaia bigarrenak esan zuen: – Gamelu hori begibakarra da. Beste hiruzpalau urrats emanik anaia gazteenak esan zuen: – Gamelu horretan emakume bat doa. Hiru anaiek aurrera jarraitu zuten; horretan zaldun bat topatu zuten, gerritik zintzilik ezpata zuela. Adi-adi begiratu zien hiru anaiei, ezer esan gabe. Anaia zaharrenak galdetu zion: – Zerbait galdu duzu, ausaz, zaldun ausart horrek? Zaldunak, harri-harri eginik, zaldia gelditu zuen. – Bai —erantzun zion. – Gamelu baten bila ari zara, ezta? —galdetu zion berrio anaia zaharrenak. – Bai, halaxe da —erantzun zion zaldunak. Anaia bigarrenak ere hitz hartu zuen: – Gamelu hori begibakarra ez al zen? – Bai, halaxe zen —erantzun zion zaldunak, geroago et harrituago. – Eta emakumezko bat al zihoan gainean? —galdetu zion anaia gazteenak. Zaldunak harriturik begiratu zien hirurei, eta esan zien: – Zuek duzue hortaz gamelua! Non duzue, lapur horiek? – Guk ez dugu ikusi zure gamelurik —ihardetsi zioten hiru anaiek. – Ikusi ez baduzue nola dakizue dakizuen guztia? —galdetu zien zaldunak. – Aztarnetatik sumatu diogu —erantzun zioten—. Horrako bide horretatik joan da zure gamelua. Zoaz laster-laster, eta berehala harrapatuko duzu. – Zaudete horretan… —jaulki zien Gamelu jabeak—, zuek daukazue nonbait nire Gamelu hori! – Eta ezpata zorrotik aterarik, aurrean hartu zituen hiru anaiak. Shah-ren jauregira eraman zituen eta Shah-rengana berarengana joan zen kexu ematera. Gertatutako guztiaren azalpena eman zion: ardiekin mendira zihoala emaztea nola zihoan artaldearen ondotik Gamelu gainean; baina oso atzera geratu zela eta azkenean galdu egin zirela, emaztea eta gamelua biak. Gudariak esana entzunik, Shah-k erantzun zion: – Bistan da, zuk ezer esan ez diezularik zehaztasun horiek guztiak eman badizkizue, beraiek dituzte zeure gamelua eta zure emaztea. Ekar itzazue malapartatu horiek. Gudariak aretotik irten eta berehalaxe sartu zituen hiru anaiak Shah-ren aurrera. – Ea bada, gaizkile halakoak —jaulki zien Shah-k—. Non duzue gamelua, non daukazue nire gudari leial honen emaztea? – Guk ez dugu ikusi horren gamelurik ez emazterik —erantzun zioen hiru anaiek. – Gudari honek ez dizue ezer esan, zeuek aipatu diozue gamelua eta baita haren gainean emakume bat zihoala ere. Nola uka dezakezue orain zuen errua? – Guk, Shah jauna, zer sufritu asko izan dugu gure bizitzan zehar, asko ibiliak eta asko ikasiak gara munduan, eta edozer gauza asmatzen dugu arrazonamenduaren bidez. Gameluarena horrelaxe asmatua dugu. Shah-k ez zien sinetsi, eta barrez esan zien: – Asma al daiteke inoiz ikusi ez dena? Bere bizirrari deiturik zerbait esan zion belarrira. Bizirra jaiki zen eta jauregitik kanpora irten zen. Handik pixka batera bi morroik kutxatxo bat ekarri eta lurrean utzi zuten. Shah-k esan zien hiru anaiei: – Horra! Asma ezazue orain zer dagoen kutxa honetan. Asmatzen ez baduzue lepoa moztuko dizuet. – Ez dakit zer, baina zerbait bada hor —esan zuen anaia zaharrenak. – Eta zerbait hori biribila da —gehitu zuen bigarrenak. – Granada-sagar bat dago kutxan —esan zuen anaia gazteenak. – Ekarzue kutxa hori —agindu zuen Shah-k. Morroiek agindu hura bete zuten; Shah-k kutxa zabaldu eta begiratu zuen; granada-sagar bat zegoen! Granada-sagarra harturik, jaso eta han zeuden guztiei erakutsi zien. Gudariari esan zion: – Gizon hauek ez dira gaizkileak, antza denez, igarleak baizik. Zoaz bada, eta bila ezazu zure gamelua beste nonbait. Hiru anaien zuhurtasunak hariturik zeuzkan han zeuden guztiak. Shah-k berak erretilu bete ogi egin berri ekarri zien: – Hartu eta jan ezazue nahi duzuen guztia —esan zien. Anaiek elkarri begiratu, irribarre egin eta nork bere zatitxoa janik, gainerakoa zapi batean bildu zuten. Armiarma eta basakatua elkarrekin ehiztari Akan herriko ipuina. Bolikosta. Afrika. Armiarmak piztia ergelen bat bilatu nahi zuen ehizarako tranpa bat jartzen lagun ziezaion, eta basakatuari esan zion: – Badakizu zer? Eta basakatuak erantzun: – Ez, ez dakit zer. Armiarmak esan zion: – Badakit non den belar pila bat, ondotik basoko piztiak igarotzen direna. Badakit, baita ere, oso eskuzabala zarela eta inori ez zeniokeela iruzur egingo, baina zer irudituko litzaizuke bion artean tranpa bat jartzea? – Ni ergeltzat naukatenak, horiek bai ergelak, ez bainaiz batere eskuzabala, neurekoia baizik, baina ez dio axola, ergelekin bakean erraz bizitzen da. Jarri dezagun bada, tranpa hori —erantzun zion basakatuak. Biharamun goizean goizik bada, tranpa jarri zuten, eta arratsaldean begiratzera joan zirenerako antilope bat zegoen zuloan. Basakatuak armiarmari esan zion: – Eraman ezazu zuk; biharko beharbada antilope handiagoa harrapatuko dugu, eta hura eramango dut nik. Larrutu eta txano bat egingo dut larruaz. Harekin antilope ehiztari deituko didate; zuri berriz, antilope-kumeen ehiztari. Armiarma haserretu egin zen. – Begira gero zer hasi zaigun mozolo hau. Eraman ezak heuk antilope hau, biharkoa nik eramango diat. – Ondo da, ondo da —erantzun zion basakatuak. Antilope-kumea bizkarrean hartu eta etxera itzuli zen, tranpa berriro prestatuta. Biharamun goizean berriro itzuli ziren tranpa jarria zuten lekura. Antilope handi bat zegoen zuloan. Basakatuak esan zuen: – Oraingoan zure txanda duzu eta eraman ezazu. Baina ikusiko duzu, bihar basurdea harrapatuko dut. Ez dakizu zein gozoa duen haragia. Armiarmak harriturik erantzun zion: – Ez zara dirudizun ergela! Begira, har ezazu zuretzat antilope hori, eta hala bihar nik eramango dut basurdea. – Zeuk nahi duzuna —onetsi zuen basakatuak. Biharamun goizean, basakatuak iragarri bezala, basurde bat zegoen zuloan. Basakatuak esan zuen: – Har ezazu eta joan zaitez. Bihar bufalo handi bat harrapatuko dut. Larrutuko dut, haragia jan eta larruaz txano bat egingo dut. Bufaloen etsai deituko didate denek. – Eraman ezazu basurdea eta zaude isilik! Bihar nik harrapatuko dut bufaloa —erantzun zion armiarmak. – Hala beharko du —esan zion basakatuak—, hala beharko du, baina ergela izango zara zure bizitza guztian. Biharamun goizean berriro tranpan begiratu eta bufaloa aurkitu zuten. Basakatuak esan zuen: – Ai, armiarma, oraingo horretan pozik egon zaitezke horratik. Lortu duzu zurea. Ez dio axola ordea, bihar elefantea izango da hemen eta nik harrapatuko dut. Famatu egingo naiz, ehiztarien errege deituko didate. Nire bizitza guztia elefante-ehizan emango dut. Armiarma ez zen batere pozik. – Zuk uste, hori! —esan zion basakatuari—. Zein izango da gu biotan famatua. Zuretzat bufaloa; eta biharko elefantea niretzat. Basakatuak onetsi zuen, baina armiarma adi egon izan balitzaio entzungo ziokeen bere golkorako esaten: – Ni behintzat horren erraz ez naute inoiz engainatu. Biharamun goizean tranpara joan zirenean elefantea zegoen. – Hartu zure ehiza eta eramazu nahi baduzu. Bihar goizean magiazko belar bat aurkituko dugu. Hartatik bazkatzen dira ahuntzak, bufaloak eta oreinak. Belar hori hartuko dut, eta animalia horiek guztiak niretzat izango dira. Hala ahaltsu eta aberats izango naiz. Armiarma haserretu egin zen. Oihuka hasi zitzaion basakatuari. – Zuretzat elefantea! Aginpidea ea aberastasuna nik nahi ditut. Biharko belarrak niretzat. Basakatuak ez zuen eztabaidarik hasi nahi. – Zuk agintzen duzu, esan zion. Biharamun goizean armiarma basakatuarenera joan zen; hark ordea, ondoezik zela erantzun zion, eta ezin ziola lagundu. – Oso gaixorik nago. Aurreko hanka ezin dut mugitu, eta atzekoak ezin ditut lurrean jarri. Tranpan aurkitu behar zuen aberastasunaren pozez, armiarma bakarrik joan zen. Tranpan begiratu, eta han ezer ez zegoen, belar lehor pixka bat bakarrik. Baina ez bufalorik, ez oreinik, ez ahuntzik… Amorruak suturik etxera itzuli eta zin egin zuen ez zuela bakerik izango basakatua hil arte. Basakatuak etxetik alde egin zuen, bada ezpada ere. Horregatik esan ohi da: “pikaroa orbeletan harrapatzen da beti”. Harrezkero armiarmaren ezkutuan ibiltzen da beti. Armiarmaren egiak Baule herriko ipuina. Afrika. Antzinako garaietan animaliak ere herrietan bizi ziren, gizonak bezala. Aldi batez lehorte gogorra izan zen, tantaka besterik ez zen banatzen ura, eta egarriak hil beharrean zeuden denak. Armiarma eta haren umeak ere egarriak zeuden. Horregatik, goiz batez, horrela ezin zitekeela gehiago jarraitu eta zerbait egin beharra zegoela hartu zuen deliberoa. Berehalaxe asmatu zuen zer egin. Baso-basoan bazen aintzira bat ur fresko gardenezkoa. Hara ordea, inor ez zen ausartzen joaten, izpiritu gaiztoak han bizi baitziren, eta inor ur hartatik edatera ausartzen bazen zati-zati egiten zuten errukirik gabe. “Han ba omen da ura. Egia ote da? —pentsatzen zuen bere golkorako—. Eta urik bada, ez ote naiz ni izpiritu gaizto guztiak baino maltzurragoa? Bai noski, askoz gainera”. Gerorako gabe, bada, bi kui hustu hartu zituen, elkarri soka batez lotuak, haurrak uretan bainatzera doazenean besoetatik lotuta jartzen zaizkienak bezalakoak, eta zulotxo bana egin zien. Horrekin aintzirara joan zen. Hara iritsi zenean izpirituen herria hilik bezala zegoen, bi izpiritu-kume baino ez zeuden herria eta aintzira zaintzen. Armiarmak esan zien: – Ikusi zein zikin natorren! Arren utz iezadazue uretan sartu eta garbitzen. Izpiritu-kumeei ez zitzaien gaizki iruditu bainatzea, baina handik ur tanta bat bera ere ez ateratzeko agindu zioten. – Zaudete lasai —agindu zien armiarmak— eta aintziran sarturik igerian eta jolasean hasi zen. Uretan jolasean ari zela kalabazak urez betetzen ari zitzaizkion poliki-poliki. Bete zitzaizkionean, aintziratik irten eta etxera itzuli zen, alai eta pozik. Armiarmaren umeak bai alaitu eta poztu zirela egarria hil arte edan ahal izan zutenean. – Egia zen, eta ezagutu dut —pentsatu zuen bere golkorako armiarmak, eta ziur zegoen handik aurrerako ere bazekiela ura non aurkitu. Animalien herrian gainerako animaliak berehalaxe ohartu ziren armiarmak bazuela nondikbait ura, eta nondik zuen galdetu zioten. – Zeuek aurkitu behar duzue egia —erantzun zien armiarmak, baina ez zien gehiagorik argitu. Hienak ordea, armiarmari azpijoko bat egitea deliberatu zuen egun batez. Arrautza bat hartu eta, ezpainaren eta ohiaren artean sarturik, armiarmarenera joan eta esan zion: – Adiskidea, haginetako min ikaragarria dut. Ken iezadazu arren hagin hondatu hau. Eta armiarmak, borondate oneko jendea baitzen, hagina kentzeko eskua ahoan sartu zionean, hortzak estutu, eta doinu gaizto batez esan zion: – Ura non aurkitu duzun esaten ez badidazu, hozkada batez kenduko dizut eskua. Hala armiarma beharturik zegoen zekiena esatera, eta proposamena ere egin zion hienari elkarrekin joango zirela izpirituen herrira. Hiena ordea ase ezina zen. Kalabazak txikiegiak iruditzen zitzaizkion, eta buztinezko ontzi borobil handi batzuk prestatu zituen ura garraiatzeko. Ontzi haiek elkarri soka batez loturik eta zulotxo bana eginik, armiarmarekin abiatu zen. Aintzira ondora iritsirik zain zeuden bi izpiritu-kumeak topatu zituzten, eta armiarmak arren eskatu zien ea berari eta hienari bainatzen utziko zieten. Izpiritu-kumeak ados zeuden oraingoan ere, armiarmak eta hienak aintziratik urik ateratzen ez bazuten. Armiarma eta hiena aintziran sartu eta igerian aritu ziren puska batean. Armiarmaren kuiak berehalaxe bete ziren; uretatik irten eta laster-laster etxera itzuli zen. Hienaren buztinezko ontziak aldiz oso geldiro betetzen ziren urez, eta uretatik irten nahi izan zuenean, ezin irten, hankak sokan trabatu zitzaizkion. Izpiritu-kumeak normala ez zen zerbait gertatzen zela ohartu zirenean, gurasoengana joan ziren lasterka. Hiena urduri eta negarrez zegoen aintziran, eta beldurrak zentzua galarazirik, esan zuen: – Ura eraman nahi genuen, eta hona preso. Izpirituek hori entzun zutenean guztiz haserretu ziren. Soka moztu, ontziak puskatu eta berebiziko jipoia eman zioten hienari. Ozta-ozta salbatu zen hura, eta basoan barrena ihes egin zuen. Harrezkero ez zen itzuli animalien herrira. Armiarma berriz harro baino harroago zebilen herrian, egia berak beste inork ez zekielako. Lehortea amaitu eta euri sasoia iritsi zenean, bere egiarekin munduan zehar ibiltzera joatea erabaki zuen. Kuietako bat hartu zuen, zuloa handitu zion, eta barrenean oihu egin zuen: – Egia! Eta kuia buruan harturik, emakumeek gauzak buru gainean erabiltzen dituzten bezala, bideari ekin zion. Bidean zihoala horrela gogoeta egiten zuen bere baitan, “Egia buru gainean badaramat, neurea izango dut, eta inork ezin izango du egia gelditu”. Ibai batera iritsi zen eta banana eder batzuk ikusi zituen uretan ispilaturik. Haiek ikusirik uretan murgildu zen, baina bananarik ez zuen aurkitu. Uretatik irten, eta zutiturik, berriro ikusi zituen bananak uretan. Berriro murgildu zen, eta berriro irten, eta halaxe berriro eta berriro hatsa galdu zuen arte. Neka-neka eginik belarretan etzan zen, ibai ondoan, eta buru gainetik kuia kendu zuen. Eta zer ikusiko begien aurrean? Bananak zuhaitzetik zintzilik, lehen buru gainean zerabilen kuiagatik ikusi ez zituenak. Horregatik, guztiz haserreturik, mila puska egin zuen kuia, eta bere buruari galdegiten zion: “Egia ote nerabilen nik buru gainean? Eta egia izanda ere, hori ote da egia bakarra, izan daiteken egia bakarra? Ez noski”. Orduantxe ohartu zen armiarma egiari dagozkionetan ezer ez dela erraz eta soilik. Anaia bikiak Angolako ipuina. Afrika. Emakume batek bi seme izan zituen, bikiak; seme horiek gauza miresgarriak egiteko ahalmena zuen kutun bana ekarri zuten mundura jaiotzean, nork bera gisakoa. Anaietako batek Luenba zuen izena; besteak Mabungu. Jaio zirenerako ia haziak eta gizonduak zirenez, eta bikietan batek izan behar duenez zaharrena, Mabunguk etorri nahi izan zuen lehena mundura. Garaitsu horretan Uretako Jainkosa Nagusiaren alabak ezkon eskaintza asko hartzen zuen, baina denak baztertzen zituen, esanez senarretarako zetozkion haietako bat ere ez zuela maite. Mabunguk horren berri jakin zuen, eta harekin ezkontzea deliberatu zuen. Bere kutunari laguntza eskaturik, belar sorta bat bildu, eta hosto batez adar bat egin zuen, beste batez aiztoa, beste batez lantza, eta gisa horretan prestatu zen biderako. Ibili eta ibili goseak zegoen, eta bere kutunari hots egin zion: – Zer nahi duzu?, ni goserik hiltzea? —eta bat-batean oturuntza oparo bat azaldu zen. Hura jan zuenean, Mabunguk eskaturik kutunaren ahalmenak plater guztiak kendu zituen. Ibili eta ibili bide luzea egin zuen berriro Mabunguk, arras nekatu zen arte. Kutunaren ahalmenak atseden leku bat bilatu zion. Egunetan eta egunetan ibili ondoren, Uretako Izpiritua eta haren alaba bizi ziren lekura iritsi zen. Uretako Izpirituaren alabak Mabungu ikusi zuen bezain laster, amarengana jo zuen, esanez maiteko zuen gizona ikusi zuela, eta hil egingo zela harekin ezkontzen ez bazen. Mabunguk Uretako Izpirituari bere bidaiaren arrazoia jakinarazi zionean, ordea, hark ez zuen agerian utzi nahi izan bere alabaren sekretua, eta harengana joateko esan zion, eta azal ziezaiola bere desira, hura onez bazegoen. Hala, mutilak eta alaba gazteak elkar topatu zutenean, elkarri lotu eta zorionez bete ziren. Etxe eder batera eraman zituzten, eta hantxe egon ziren herriko biztanle guztiek jai handi bat egiten zieten bitartean. Ezkontza biharamuneko goizean, Mabungu harriduraz ohartu zen horma guztiak ispiluz estaliak zeudela, baina ispiluak oihalez estaliak zeudela, beira ezin ikusi zela. Hori zergatik zen galdetu zion emazteari, eta hark ispilu baten estalkia kendu zuen. Ispilu hartan Mabunguk bere jaioterria ikusi zuen; hurrengo ispiluan Mabunguk ezagutzen zuen beste herri bat ikusi zuen, eta halaxe segidan, emazteak ispiluei estalkia kentzen zien ahala. Bazen ordea emazteak estalkia kendu nahi izan ez zion ispilu bat. Zergatik estalkia kendu nahi ez zion galdetu zion Mabunguk. Emazteak erantzun zion esanez ispilu hartan gizonak eta emakumeak gehiago itzultzen ez diren lekua azaltzen zelako. Hala ere Mabungu bere emaztea konbentzitzeraino lehiatu zen, eta leku ikaragarri bat azaldu zen bere begien aurrean. Mabunguk ordea hara joan behar zuela esan zion emazteari, eta alferrik izan ziren haren negarrak, nahiz eta Mabunguk ahaleginak egin emaztea lasaitzen, esanez bere kutunaren ahalmenak zainduko zuela. Halaxe Mabungu inor itzultzen ez den lekurantz abiatu zen. Handik pixka batera atso xahar bat topatu zuen, eta pipa pizteko sua eskatu zion. Lotzeko lehendabizi bere zaldia eta hartzeko sua, esan zion. Mabunguk segituan obeditu zion; lotu zuen ongi zaldia, eta atsoarengana joan zen. Haren gertura iritsi zenean, atsoak hil egin zuen, eta Mabunguren aztarnarik ez zen geratu. Luenba kezkaturik zegoen bere anaiaren berri aspalditik ez zuelako, eta haren bila joan behar zuela deliberatu zuen. Hartu zuen belar pixka bat eta, Mabunguk bezalaxe, bidaiarako behar zituenak egin zituen. Dena prestaturik, Uretako Izpirituaren herrirantz abiatu zen. Uretako Izpirituak ikusi zuen bezain laster bidera irten eta estu-estu besarkatu zuen, Mabungu deituz. Berak, ordea, bera ez zela Mabungu, Luenba baizik, anaia bikia alegia, esan zionean, ez Uretako Izpirituak ez haren alabak, ez zioten sinistu nahi izan, eta pozaren pozez dantzan hasi ziren. Luenbaren kutunaren ahalmenak gela batean itxi zuen emazte gaztea. Gisa horretan Luenbak ez zuen hurrengo goizera arte hura ikusi. Luenbak ere ikusi zituen ispilu estaliak, eta Uretako Izpirituaren alabari haien berri galdetu zion. Hark gogo onez erakutsi zizkion guztiak, bat salbu; hura asko erregutu ondoren baizik ez zion erakutsi Luenbari. Inor itzultzen ez zen leku izugarri hura ikusi zuenean, Luenbak zalantza bat ere ez zuen izan han zegoela bere anaia. Horregatik, bada, anaiaren bila joatea deliberatu zuen Luenbak. Mila esker eman zizkien Uretako Izpirituari eta haren tartekoei, egindako harrera onagatik, eta haiek guztiak negarrez utzirik alde egin zuen. Luenba ez baina Mabungu zela uste bete-betea baitzuten, inor itzultzen ez den lekutik joan etorria salburik egin zuela uste zuten, eta sinistuta zeuden berriro ere egingo zuela. Ibili eta ibili egin ondoren atso xaharra topatu zuen, eta sua eskatu zion. Atsoak zaldia lotu eta su bila joateko esan zionean ordea, zaldia ez zuen estu lotu, eta atsoarengana zuzen-zuzen joanik, hil egin zuen. Anaiaren eta haren zaldiaren hezurrak aurkitu zituen; bere kutunez haiek ukitu zituen eta Mabungu eta haren zaldia berriro piztu ziren. Kutun harekin berarekin leku hartan hilik ziren beste ehunka pertsonen hezurrak ukitu eta berriro piztu zituzten, eta denak batera abiatu ziren Uretako Izpirituaren herrira. Luenbak Mabunguri kontatu zion nola emazteak eta haren amak bera Mabungurekin nahastu zuten, eta nola bere kutunaren ahalmenak Mabunguren emaztea gorde zuen. Horretan iskanbila bat sortu zen bi anaien artean beren jarraitzaileei buruz. Mabunguk bere jarraitzaile nahi zituen guztiak, zaharrena bera zelako, baina Luenbak beretzat zeuzkan, berak itzuli zielako bizitza haiei, eta Mabunguri berari. Mabunguk Luenba hil zuen. Haren zaldia ordea Luenbaren gorpuaren ondoan geratu zen. Mabungu Uretako Izpirituaren herrira itzuli zen, eta bere biziko harrera egin zioten. Luenbaren zaldiak haren kutuna hartu eta haren gorpua ukiturik, berriro piztu zen. Zaldira igo, Mabungu bilatu eta hil egin zuen. Herriko biztanleek historia osorik entzun zutenean, ontzat eman zuten Luenbaren jokabidea. Astoak basotik zergatik ihes egin zuen Hausa herriko ipuina. Afrika. Asto batek behin esan zuen bera zela oihaneko piztia guztietan ahaltsuena, eta ezin konta ahala piztia zituela hilak. Hienak ordea, erantzun zion bera zela, eta ez astoa, piztiarik ahaltsuena. – Ederki, orduan —erantzun zion astoak—. Bihar goizean bila ezak oihaneko piztiak biltzen diren lekua eta hator niri esatera. Biharamun goizean beraz, piztiak biltzen ziren lekuaren bila abiatu zen hiena. Bidean zela elefantea, bufaloa, oreina eta beste hainbat animalia topatu zituen, eta denak leku berera zihoazela ohartu zen. Laster-laster joan eta astoari esan zion. Bere aurretik joan eta bidea erakusteko agindu zion astoak hienari. Bilera lekura iritsi zirenean, astoak esan zion: – Orain alde egizu eta ez etorri berriro okela jateko deitzen dizudan arte. Kontu handiz, piztiek ikus ez zezaten, astoa gehixeago hurbildu zen, eta arrantzaka hasi zen. Elefanteak lasterka alde egin zuen izuturik, eta bufaloaren hanketan nahastu zen; oreinak eta gainerako animaliek ere, elkarrekin estropezu egin eta lurrera erori ziren. Nahasmendu hartan borrokan hasi ziren eta ia hil zuten elkar. Orduan astoak hienari deitu zion. – Horra, denak hil ditiat —esan zion harro-harro. – Zinez ahaltsua zara, zure mendeko nauzu gaurtik aurrera —erantzun zion hienak. Halaxe zen, izan ere; hiena astoaren mendeko zen eta haren esan guztiak betetzen zituen. Erabat sinistuta zegoen astoaren belarriak adarrak zirela. Behin ordea adar haiek ukitzen utziko al zion, baimena eskatu zion. Astoak, adeitsua baitzen, baimena eman zion, eta adar haiek ez zirela gogorrak ohartu zen hiena. – Hauek adarrak dira? —galdetu zion harriturik hienak. – Ez, bai zera; belarriak dira horiek —erantzun zion astoak. “Ederki, ederki” pentsatu zuen hienak bere baitarako. Eta halaxe, gau batez, astoa larrean ari zela, hiena gainera jazarri zitzaion. Astoak bertatik sumatu zuen arrisku handitan zuela bizitza, eta indar guztiak bildurik herrira abiatu zen galapan. Herritarrek, hura ikusirik, berehalaxe hartu zuten gogoa: “Animalia honek mesede galanta egingo liguke gure lanetan lagunduz”. Eta hezi egin zuten. Harrezkero astoak inoiz ez du gogorik ere berriro oihanera itzultzeko, ederki baitaki hienak ez dakiela isilik egoten, eta esanik izango diela animalia guztiei astoak buruan dituen horiek ez direla adar sendo gogorrak, belarri luze leunak baizik. Behi isats batez egindako makila Liberian kontatzen den modura. Afrika. Tribuko agure bat altxatu zen eta hizketan hasi zen. Hona zer esan zuen: Istorio bat kontatu behar dizuet, eta zuek esango didazue gero egia ala gezurrezkoa den, zer deritzozuen. Zuek esango didazue nork merezi duen aintza eta ohore, eta nork gogoratzea besterik ez. Zuek erabakiko duzue Ogalussa zaharraren zuhurtzia handia den, ala laburra; ongi jokatu zuen, ala gaizki. Zeuek erabakiko duzue, eta zuek nola esan, halaxe izango da, izan ere. Hementxe gertatua da, orain dela aspaldi. Muino baten tontorrean, baso ilun hezearen ertzean, Kundi herria zegoen. Gurea bezalakoxe herria zen: etxetxo borobilak, sukaldeak, teilatuetatik gora ke mehea. Kundin gu bizi garen bezalaxe bizi zen jendea: gizonezkoek ehiza, haurrek arrantza, eta emakumeek alea jo, almaiz handiaren gisako zurezko ontzietan. Kundin Ogalussa bizi zen: ehiztaria. Eta harekin emaztea eta semeak. Goiz batez Ogalussak arma hartu zintzilik zuen lekutik, eta basora abiatu zen ehizara. Emazteak sorora alde egin zuen ordua zuenean, eta semeak ganaduari jaregin eta larrean zaintzera. Eguna joan zen; Ogalussa ez zen itzuli. Jaten hasi ziren; Ogalussa, ordea, ez zen ageri oraindik. Bi egun joan ziren, goiz eta arratsalde; eta Ogalussarik agertzen ez. Non zen Ogalussa? Zer gertatu ote zitzaion? Ezbeharren bat ote? Baso ilun hezeak ez zekarren berririk. Asteak, hilabeteak joan ziren. Amak soroan jarraitzen zuen; semeen arten partituak zituzten arrantza eta larreak. Aitaren lekua ere hartu zuten, eta behin baino gehiagotan ehizara joaten ziren. Isilean, ordea, ez zuten ahazten joandakoa: Ogalussa. Handik gutxira Ogalussaren emazteak semea izan zuen. Muttiko bat: Puli jarri zioten izena. Puli mutiltzen hasi zen. Lehendabizi esertzera iritsi zen; geroago katamarrean ikasi zuen, egun batean hitz egiten ere hasi zen. Ez zituen “aita” edo “ama” izan bere lehenengo hitzak. Harritu zituen denak. “Non da aita?” galdetu baitzuen. – Non da aita? —galdetu zuen Pulik; inork ez zuen hitzik atera. – Non da aita? —galdetu zuen berriro. Anaiak soroetarantz eta ibai aldera begira geratu ziren, baina inork ez zuen ezer esaten. Pulik berriro galdetu zuen: – Non dago nire aita? Anaiek oihan ilunerantz begiratu zuten, begiratu zioten gero elkarri, eta anaia zaharrenak azkenik esan zion: – Han geratu zen. – Aspaldi behar zukeen itzulia, itzultzekoa bazen —esan zion anaia bigarrenak. – Behar ez denen bat geratuko zitzaion —iradoki zuen hirugarrenak. – Hilik izango da —jarraitu zuen laugarrenak. – Bestela etxera itzulia zatekeen —bosgarrenak etsi zuen. – Aurkitu ahal bageneza —hasperen egin zuen seigarrenak. – Oihana zabala da, nondik hasi behar dugu bilatzen? —bukatu zuen zazpigarrenak. Anaia zaharrenak orduan esan zuen: – Nik ikusi nuen etxetik irten zenean. Gogoan dut bide hartatik abiatu zela. Ea zori hobea dugun, begira dezagun aztarrenik geratzen den. Eta Ogalussaren zazpi seme zaharrenak, beren armak harturik, aitaren bila abiatu ziren oihanean barrena. Puli ez zuten eraman; haurra zen oraindik, hizketan ozta-ozta hasia. Etxean utzi zuten amarekin. Zazpi anaiak oihan beltz hezean barrena sartu ziren. Inguruan zituzten zuhaitzak zeruraino iristen ziren, eta argirik ez zuten sartzen uzten barreneraino. Hala ere, egosi behar zituen bero hartan, lurrinak ez zien aurrera ikusten uzten. Adarpe hartako hostajean pasadizo estutan bezala zebiltzan. Bidea galdu zuten; baina anaia zaharrenak berriro aurkitu zuen. Berriro galdu, eta berriro aurkitu zuten, behin eta berriro. Luzaroan ibili ziren, ibili eta ibili, zenbat denbora joan zen ez zekitela, ilun baitzegoen, egon ere, dena. Ezin zuten asmatu zenbat bider egunak gauari leku eman zion, eta gauek zenbat bider egunari. Azkenean argi errainu bat ikusi zuten urrutira, hostartean. Soilgune bat zen basoan. Eta soilgune hartan, han hemen banaturik, Ogalussaren hezurrak. Hezurren ondoan, haren arma. Damu eta pena sentitu zuten zazpi anaiek. Zer egin, aitarik ez bazuten? Zaharrenak esan zien: – Honaino ekarri zaituztet, basoa den zabalarekin. Orain ordua duzue; bakoitzak zer dakien, egin beza. Anaia bigarrenak orduan esan zuen: – Nik badakit hildakoaren hezurrak elkarrekin taxutu eta lotzen. Ogalussaren hezurrak bildu zituen, eta elkarrekin antolaturik, bakoitza zegokion lekuan jarri zuen, gizonak duen hezurdura osorik elkartu eta lotu zuen arte. Hirugarren anaiak esan zuen: – Nik haragiz eta giharrez bilduko ditut hezurrak. Egin zuen, eta laugarren anaiari utzi zion lekua. – Nik odol beroz beteko dizkiot zainak, eta bihotzeraino iritsi araziko diot —esan zuen eta zainetara odola isuri zion. Bosgarren anaiak hitz egin zuen orduan: – Nik arnasa emango diot. Gorputz etzanari arnasa eman zion, eta Ogalussa ikara batzuk eginik arnaska hasi zela ohartu ziren anaiak. – Nik mugimena emango diot gorputzari —esan zuen seigarren anaiak, eta mugimena eman zion. Ogalussa lurrean eseri zen, eta begiak zabaldu zituen. Zazpigarren anaiak esan zuen orduan: – Aita bizirik dugunez, nik hitza emango diot. Ogalussak ingurura begiratu, eta zutitu egin zen. Semeei begiratu zien. Han zituen zazpiak. Ogalussa ehiztaria baitzen zinez, ez zuen astirik galdu alfer berriketan. Hain aspalditik galduan zituen semeei begiratu zien, eta san zien: – Non da nire arma? Semeek arma hartu, belarretan baitzegoen, eta aitari eman zioten. Eta etxerako bideari ekin zioten, oihanean zehar. Soroetara iritsi ziren, iritsi ziren herrira. Ogalussa etxean sartu zen. Emazteak bainua eta janaria prestatu zion. Lau egunez egon zen Ogalussa etxean sartuta. Bosgarrenean buruko ilea moztu zuen, hilen erresumatik itzuli direnek ohi duten bezala, eta kalera irten zen. Herritarrak poztu ziren Ogalussaren itzuleragatik. Ogalussak behi bat hil, eta festa handi bat prantatu zien. Behiaren isatsa moztu zuen, trentza egin, eta bitxiz eta metalez apaindu zuen. Hura zen makila ederra! Dantza sakratuen gidariek eta buruzagiek ere ez zuten hari itzala egingo zion makilarik. Hura bezalako maila ederrik herrian inork ez zuen inoiz ezagutu. Bikaina zen benetan, ikusi zutenek esaten zutena entzutera. Ogalussaren itzulera ospatzeko zen goiza iritsi zen. Jantzirik ederrenak jantzita agertu ziren herritar guztiak. Musika-joleak iritsi ziren, eta dantzari ekin zitzaion. Danborrak ez ziren geratzen, eta emakumezkoak kantuan ez ziren isiltzen. Ogalussa zutitu zen, eseri ziren denak, eta hitza hartu zuen: – Egun batez oihanera joan nintzen ehizara —esan zuen—. Oihanaren ilunean lehoinabarrak eraso ninduen. Jan ninduen eta hantxe geratu ziren nire hezurrak, han nire arma ere. Denbora joan zen eta nire lantzaren muturra herdoildu egin zen, nire lantzaren kirtena lizundu. Baina semeak bila abiatu ziren. Hilen erresumatik atera ninduten eta etxera ekarri ninduten berriro, eta hemen naukazue. Makila hau daukat; ni itzuli ahal izateko gehien lagundu duenari emango diot. Eztabaida hasi zen orduan. Ogalussaren seme guztiek egin baitzuten miraria, eta makila bakarra zegoen saritarako. Horregatik sortu zen iskanbila. Seme zaharrenak aitaren hezurrak aurkitu izan ez balitu, ez baitzuketen hilen erresumatik ekarriko. Bigarren semeak hezurrak antolatu ez balitu, nori jarri behar zion, ordea, haragia eta giharra hirugarrenak? Odolik ez duenak, arnasa alferrik du, eta ezin mugitu eta hitz egin. – Niri emango dit makila —zioen seme zaharrenak—, nik aurkitu nuen basoko bidea. – Niri emango dit, nik antolatu nizkion hezurrak —erantzuten zion bigarrenak. – Baina nik bildu nizkion haragiz eta hezurrez —hirugarrenak. – Eta zainetan odola nik jarri nion. – Arnasa, ordea, nik. – Baina mugimena nik eman zion. – Hori ez da askorik, hitza nik eman nion —jarraitzen zuten laugarrenak, bosgarrenak, seigarrenak eta zazpigarrenak. Ogalussaren semeek ziotena entzunik, herritarrak isildu egin ziren. “Behar bezalako aitak merezi dituen bezalako semeak ditu”, pentsatzen zuten beren baitarako. Eta orduan Ogalussak hitz egin zuen. Hona zer esan zuen: – Zaudete isilik. Ni bizitzeko gehien egin duenari emango diot makila. Horixe esan zuen Ogalussak. Pauso batzuk eman zituen, eta behi isatsez egindako makila Puliren eskuetan jarri zuen, seme gazteenarenetan. Herritarrek Ogalussaren erabakia ezagutu zutenean, ohartu ziren haurraren lehenengo hitzak zeintzuk izan ziren: “Non da aita?” Ogalussaren erabakia zuzena izan zela aitortu zioten. Gizona ez baita hiltzen bizi direnek gogoan duten artean. Burutxo eta buztantxo berriro nola elkartu ziren Karanga herriko ipuina. Afrika. Behin batean bazen gizaseme gazte bat, bidean zihoana. Horretan sugetzar ikaragarri bat topatu zuen aurrean. Aizkorakada batez erdi-erditik ebaki zuen. Sugearen burua neska bat bihurtu zen, Burutxo, eta isatsetik mutil bat sortu zen, Buztantxo; eta bakoitzak bere bidetik jarraitu zuten. Neska gazteak sugea erdibitu zuen mutilaren bide berbera hartu zuen, eta mutilari ederra iruditzen zitzaionez, emaztetzat hartu zuen. Pozik bizi izan ziren; zortzi seme-alaba izan zituzten, eta zorionak bete zituen haien bizitzak. Bilobak ere asko izan zituzten. Sugearen beste erditik sortua zen gizona munduan zehar zebilen hara eta hona, eta inon ez zuen pozik aurkitzen. Eskale zarpailtsu bat bihurturik zebilen, baina abeslari bikaina zen, eta horrexegatik oso harrera ona egiten zioten alde guztietan. Senar-emazteek hirurogei urte bazeramatzaten ezkondurik. Garai horretan Buztantxo alde guztietan galdezka hasi zen, topatzen zuen guztiari, ea norbaitek ezagutzen zuen Burutxo izena zuen emakume bat. Inork ez zion ematen, ordea, izen horren berri, inork ez zuen ezagutzen. Egun batez, ordea, landetxe batean Burutxo hura ondoko landetxean bizi zela esan zioten. Hara joan eta gauean sutondoan zeuden gizonen artean eseri zen. Burutxo izeneko emakume bat ezagutzen al zuten galdetu zien. Ezetz, ez zutela ezagutzen, erantzun zioten. – Abesti bat kantatuko dizuet orduan —esan zien— abestuko al duzue nirekin batera? – Oso gustura gainera —erantzun zioten. Orduan Buztantxo abesten hasi zen: “Burutxo amona da, zuen amona sugea…” Eta jende guztiak berekin batera abesten zuen. Eta gero lotara joan ziren. Biharamun goizean goizik, Burutxo sutondoan eseri zen, eta eguzkia atera zenetik bertatik, ahots beheran abesten hasi zen berriro. Landetxe hartako biztanleak poliki-poliki hurbiltzen hasi ziren eta abesten hasten ziren haiek ere. Burutxo, ordea, etxean gorderik zegoen, eta herriko biztanle guztiei deiturik, esaten zien: – Hik har ezak saski hau, hik zaku hori, hik ontzi hau! Bakoitzari tresna bat jartzen zion eskuan, lanak banatzen zizkien, edozein lan, sutondoan gera ez zitezen. Bera, berriz, etxe zokoan gorde eta belarriak estaltzen zituen, ezer ez entzuteko. Eskalea ahots goran hasi zen orduan abesten, eta Burutxok entzun zuenean, are ozenago hasi zen bera ere abesten, eta lasterka-lasterka etxolatik kanpora irten zen. – Nola dakizu zuk abesti hori? —galdetzen zioten denek harriturik. Emakumeak ez zien erantzun; poliki-poliki sutara hurbildu zen, abesten isildu gabe. Ondo-ondoraino iritsi zenean Buztantxo eta Burutxo berriro elkartu ziren; sugetzar handi bat osatu zuten berriro bien artean, eta suge hura basoan barrena ezkutatu zen. Alfer-alferrik baita baturik izateko dena betirako banatu nahi izatea. Eguzkia eta ilargia Dahomeyko ipuina. Afrika. Eguzkia eta Ilargia elkarren ahaide ziren. Behin Ilargiak Eguzkiari esan zion: – Gure seme-alabak zerutik lurrera jaurti behar ditugu. – Ederki. Jaurti ditzagun —erantzun zion Eguzkiak. Horretarako izendatutako egunean Ilargiak bere seme-alabak ezkutuan gorde zituen; zaku bat hartu, harri koskorrez bete eta Eguzkiarengana joan zen. Eguzkiak, ezeren susmo txarrik hartu gabe, semeak eta alabak bildu eta zakuan sartu zituen. Hartu zuten nork bere zakua lepoan eta lurrera jaitsi ziren. Ilargiak zakuan zeramatzan harriak banan-banan ibaira jaurti zituen. Eguzkiak ere era berean hustu zuen zakua, han zeramatzan seme eta alabak ibaira jaurtiz. Eta horren ondoren beren zeruko etxeetara itzuli ziren biak. Eguna amaitu zen. Eguzkia ezkutatu zen, eta Ilargia bere seme eta alaba guztiekin azaldu zen zeruan. Eguzkiak ikusi zituenean sentimendu handia hartu zuen; Ilargiari deitu eta bere seme eta alaba guztiak ibaira zergatik jaurti arazi zizkion galdetu zion. – Zuk argi eta bero handia duzu —erantzun zion—. Zuk ez duzu seme eta alaben beharrik. Gera daitezela uretan, eta bihur daitezela arrain. Gizonek arrantzatuko dituzte, eta haien janari izango dira. Harrezkero Eguzkia eta Ilargia haserretu egin ziren. Oraindik ez dira adiskidetu, eta zein bere aldetik dabil zeruan. Emakume aberats-nahia Ioruba herriko ipuina. Nigeria. Afrika. Bazen gizon bat behin, arreba bi zituena: bata aberatsa zen, pobrea bestea; bai pobrea ere, ez baitzuen oihal-zerrenda bat ere, zerez bere semetxoa sorbaldan erabili, eta ihiz eta aihenaz egindako sare batean erabili behar izaten zuen gaixoa. Senda-belarren bilketan aritzen zen, eta hortik zuen bizibidea. Behin batean, ohi bezala, senda-belarretara joan zen; aldean zeraman semea. Sasiarte baten ondoan, semea jaitsi, eta zertxobait urrundu zen. Ama inguruan ez zela, tximino batek haurra hartu zuen, jaso zuen zuhaitz burura, eta jolasean hasi zen. Itzuli zen ama, eta semea ez ikusirik, oihuka hasi zen. Tximinoa, ordea, adarrik adar zebilen jauzika, haurra zeramala. Honetan haurrak negarrari eman zion, eta amak, begiak jasorik, zuhaitz goran ikusi zuen. Ama hari kantuan hastea bururatu zitzaion orduan, eta tximinoa, kantuak erakarririk, dantzan hasi zen, eta zuhaitzetik behera jaitsi zen, poliki-poliki. Amak kantuan jarraitu zuen, harik eta tximinoak, dantzan egiteari utzi gabe, oina lurrean jarri zuen arte. Lurrera jaitsirik, haurra amari itzuli, eta galdetu zion: – Nola daiteke zu horren kantari ona izanda egunero belar bila ibiltzea? Eta emakumeak erantzun zion: – Hain bainaiz pobrea, non ez baitut beste bizibiderik. Tximinoak esan zion: – Bide horretatik aurrera jarraitzen baduzu, bada ezkerretara bidezidor bat; jo handik, eta luzera gabe milaka eta milaka fruitu dituen zuhaitz arbola batekin topo egingo duzu. Batzuk hoska hasiko zaizkizu: “Har nazazu, har nazazu”. Baina horietakorik ezta ukitu ere; isilik geratzen dena, hura hartu. Tximinoak agindu bezalaxe egin zuen dena emakumeak. Fruituak eske eta eske hasi zitzaizkion: “Har nazazu, har nazazu!”; emakumeak ordea, haiei jaramonik ez, eta isilik zegoena hartu zuen. Itzuleran fruitu hura tximinoari erakutsi zion. Hark esan zion: – Etxera iritsita, sartu gelan eta zati ezazu fruitu hori. Emakumea etxera iritsi zen, eta tximinoak esan bezala egin zuen. Fruitu barruan arropa pila bat eta diru mordoa aurkitu zuen. Aurkitutako guztia hiru zati egin zuen: bat anaiari eman zion, bestea ahizpari eta hirugarrena beretzat gorde zuen. Ahizpa aberatsari, ordea, hartutakoa gutxi zela iruditu zitzaion, eta esan zion: – Zaude lasai, badakit nola lortu duzun hau guztia; neu joango naiz eta gehiago hartuko dut neuretzat. Biharamunean, bada, ahizpak bezalaxe egin zuen. Tximinoa ez zegoen andrea iritsi zenean. Tximinoa iritsi zenean, bada, haurra ikusi eta harritu zen: – Horren esker txarrekoa ote da emakume hori? Ez du nolanahikoa ere irritsa; nolanahi ere, jakin behar dut zergatik itzuli den berriro. Tximinoak haurra hartu eta eraman egin zuen: ahizpa aberatsa, ahizpa pobrea bezala, kantuan hasi zen, eta tximinoa zuhaitzetik behera jaitsi zen. Haurra amari itzulirik, galdetu zion: – Atzokoa gutxi iruditu zitzaizun? Ahizpa aberatsak bezperako bera ez zela erantzun zion, eta tximinoak hari emandako aholku bera eman zion, arbolatik hartzeko fruituaz. Emakumeak arbola ikusi zuen, bere baitarako pentsatu zuen: “Zertzat ote nauka tximino horrek? ; ni ez naiz horren ergela”. “Jan nazazu, jan nazazu!” zioten fruitu haietatik pila bat bildu zuen, eta itzuleran tximinoari erakutsi zizkion. Etxean, tximinoak esana egin zuen; fruituak zabaltzean, ordea, jantzien eta diruaren ordez, suge gosetu gaiztoak atera zien haietatik, eta gorputz guztian hasi zitzaizkion hozka. Horra zer gertatzen zaien irritsak darabiltzanei eta besteek oparia emanagatik esker onak itzultzen ez dituztenei. Gaitz egile gaitz hartzaile Amhara herriko ipuina. Etiopia. Afrika. Behin batean baziren bi anaia. Hain zeuden elkarri loturik, non ez baitziren gauza egun bat bere ere elkarrekin egon gabe igarotzeko. Horrexegatik hain zuzen, elkarrengandik aparte inoiz ez egoteko, etxe bat egin zuten, erosi zuten asto bat, eta merkatari hasi ziren biak elkarrekin. Irabazi guztiak erdibana egiten zituzten, eta inoiz ez zuten liskarrik izan bien artean. Anaia gazteenak, ordea, altxor ezkutu bat aurkitu zuen, eta harekintxe galdu zuen zentzu guztia. – Neuretzat gordeko dut dena —pentsatzen zuen bere baitarako anaia gazteenak—. Nik aurkitu dut, eta niretzat izango da. Anaiari ez diot ezer emango. Etxe bat egin, eta hara joan zen bakarrik bizitzera. Anaia txiroaren konturik ez zuen ezer jakin nahi. Xuhurra eta zekena bihurtu zen. Ogi apurrak ere ez zituen galdu nahi izaten. Behin, anaia txiroarengana joan zen, eta esan zion: – Gure etxe zaharra banatu, eta niri dagokidana niretzat nahi dut. Gure astoa ere erdibitu, eta niretzat nahi dut dagokidana. Zakurren janari izateko balioko dit, bestetarako ez bada. Horiek entzunik, anaia pobrea aurrean belaunikatu eta arren eta arren hasi zitzaion: – Ez ezazu desegin daukadan apurtxo hau, arren. Ez iezadazu egin horrelako bihozgabekeriarik. Utz iezazkidazu astoa eta etxea. – Ez dizkizut utziko —erantzun zion anaia aberatsak—. Nirea denak niretzat izan behar du. – Ez da bidezkoa. Goazen, erabaki dezala epaileak zer den zuzena. Epailearengana joan ziren beraz. – Jauna! esan zion anaia pobreak—. Entzun iezaguzu, eta erabaki ezazu zer den bidezkoa. Gu biok anaiak gara. Pobre bizi ginen eta garai horretan geneukan guztia erdibana egiten genuen. Etxea eta astoa genituen ondasun guztiak. Etxea bion artean jaso genuen, astoa ere bion diruaz erosi genuen. Orain anaia aberastu egin da. Etxe dotorea egin du beretzat; enperadoreak ere nahiko luke han bizi. Ehunka azienda du. Baina gure etxe zaharra eraitsi eta erdia eraman nahi du. Astoa behintzat uzteko eskatu diot, eta ezetz, ez didala bererik ezer utziko erantzun dit; erdibitu eta bere zatia eraman nahi du. Bere etxe eta asto partea ordainduko diodala; baina ez du nahi. Horregatik etorri gara zuregana, zure epaia eman dezazun. Esaguzu zuzentasunez zer den, eta zer ez, bidezkoa. Epaileak anaia pobrearena entzunik, aberatsari galdetu zion: – Zer diozu zuk hortaz? Aberatsak erantzun zion: – Jauna! Zure jakituriak ez du kaburik. Esadazu; nork bere ondasunez ez al du zer ere nahi duen egiteko eskubidea. Nik anaiari ez diot eskatu berea duena eman diezadan, baina nirea dudana ez dit utzi nahi hartzen. Bidezkoa al da hori? Epaileak esan zuen: – Arrazoi duzu. Inork ezin eragotzi dizu zure gauzez goza dezazun. Zoaz bada eta egizu deritzozun bezala: desegin ezazu etxea, eta erdibi ezazu astoa. Har beza bakoitzak bere zatia; hori da bidezkoa. Eta anaia pobreari esan zion: – Eta zuk ezin diozu eragotzi. Anaia biak errespetu handiz makurtu ziren, eta nor berera joan ziren: anaia pobreak pena larria zeraman bihotzean; anaia aberatsak poza. Anaia pobreak esaten zuen: – Batere zentzurik ez du epai horrek. Aberatsak berriz: – Epaileak esana beteko da. Eta halaxe, gerorako utzi gabe, astoa bi zatitan ebaki zuen; bere morroiak ekarri eta etxe zaharra desegin zuen. Bitartean anaia pobreak berari zegozkion tresnak bildu eta etxea erretzen hasi zen. – Ez ezazu etxea erre; nire erdiari ere su eman diezaiokezu eta —esan zion pobreari. – Nork eragotzi behar dit nire ondasunez nahi dudana egitea? —erantzun zion hark—. Nire zatia erre eta baba erein nahi dut sail horretan. Anaia aberatsak esan zuen orduan: – Hori ez da bidezkoa. Goazen epailearenera. Erabaki dezala hark. Eta epailearengana joan ziren berriro. Anaia aberatsa agur eginez makurtu zen, eta gertatuaren berri ematen hasi zen. Dena entzunik, epaileak esan zien: – Aurrekoan esan nizuen gauza berbera esango dizuet. Nork bereaz nahi duena egiteko eskubidea du. Zuk eskubidea duzu etxea desegiteko, zurea duzuna hartzeko. Zure anaiak ere eskubidea du berea erretzeko, hala nahi badu, eta zuk ez duzu zertan protesta eginik. Halaxe bi anaiak nor bere aldetik joan ziren. Aberatsak esan zuen: – Epai honek batere zentzurik ez du. Pobreak esan zuen: – Epaileak agindua, huraxe beteko da. Etxearen erdiari su eman zion, eta erdi harekin batera anaia aberatsaren erdia ere erre zen. Gero lurra maneatu eta baba erein zuen. Babak heldu zirenean, anaia aberatsaren semeak batzuk bildu eta jan zituen. Anaia pobreak ordea, harrapatu egin zuen horretan ari zela, aitarengana eraman eta esan zion: – Zure seme horrek bost baba ostu dizkit. Zigortzea ez da aski. Nire bost babak behar ditut nik. – Nire semeak jan dizkizunen ordainez beste horrenbeste emango dizkizut nik —esan zion aberatsak. – Ez, ez; nireak nahi ditut nik —esaten zion pobreak. – Bost baba aleren ordainez bost saski baba emango dizut —erregutzen zion anaia aberatsak pobrearen aurrean belaunikaturik. – Nire babak behar ditut nik, ez zureak, ez bost ez hamar saski ere. Zure semeak jan dizkidanak nahi ditut. Anaia aberatsak epailarengana jo zuen, justizia eske. – Lehendabiziko aldiko epai berbera dut orain ere —erantzun zion hark—. Nork berearekin nahi duena egin dezake. Anaiak “Nire babak nahi ditut” esaten badizu, zergatik eman nahi dizkiozu beste batzuk eta ez bereak? Zoaz hemendik eta ez zaitez etorri gehiago. Anaia biek nor bere etxera itzuli ziren. Anaia pobreak poza zekarren bihotzean; anaia aberatsak larritasuna. Anaia aberatsak herriko gizonik jakintsu eta zuhurrenak bildu zituen eta erreguz eskatu zien bere semearen alde bitarteko izan zitezen. Bere ondasun guztien erdia agindu zion anaiari, semea salbu uzten bazuen. Gizon jakintsu eta zuhurrak anaia pobrearengana joan ziren. Hark ordea, esan zien: – Nire anaia honek baba bakar bategatik ere hil araziko lidake nire semea balitz. Nik ez dut berea hiltzerik nahi. Proba egin baizik ea behin betiko ikasten duen nire anaia zeken horrek. Haurra bizirik geratu zen, eta pobrea aberats. Ipuin hau entzun duenak ikas beza: Zerura harrika ari denak kopetan hartuko du harrikada. Inorena nahi duenak, berea galdu. Gaiztakerian dabilenak, lehendabizi inori gaitz, gero beretzat gaitzago. Gasirren arrabita Afrika. Behin batean bazen heroi bat, oso ezaguna. Bere etsai guztiak menderatuak zituen, haien herriak sakailatuak, eta bere ospea beti eta sekulako izango zela uste zuen. Behin batez, gudutik itzulian zetorrela, belarretan kantuan ari zen eper bat topatu zuen. Horrela zioen eperraren kantuak: “Ez da ezpata indartsurik, ez gizon ahaltsurik. beren izena ahaztuko ez duenik. Oi Gasir, gudari ausarta! zure egintza handiak ahaztuko dira. Heroismoak, indarra baitu lagun, negarra eta tristura dakar. Munduak ahaztuko zaitu, ahaztuko nau ni ere baina kantuak beti iraungo du. Herriak, hiriak, heroiak, koldarrak, dena galduko da, nire kantu hau salbu, betirako izango baita”. Kantu hura entzunik, herriko jakintsuarengana joan eta entzundako guztia esan zion. – Arrazoi du eperrak —esan zion jakintsuak—. Herriaren ospea belarra bezala da. Urtea bete baino lehen ihartzen da. Abestia berriz beti-betirako da. Horrela bada, Gasir errementariarengana joan zen, oso trebea baitzen, errementari guztiak bezala, eta arrabita bat egiteko eskatu zion. – Egingo dizut arrabita —esan zion errementariak— baina asmatuko al duzu jotzen? – Nire kontua da hori, zu ez arduratu —erantzun zion Gasirrek ausarki. Errementariak arrabita egin zion. Gasirrek lehendabizikoz jo zuenean ordea, hots bat zuzen ez zion atera. – Zergatik ez du jotzen arrabitak? —galdetu zion errementariari. – Esan nizun ez zenuela asmatuko jotzen. Baina zure kontua da hori, ez nirea —erantzun zion barrez errementariak. Gasirrek, lotsaz beterik, errementariari erregutu zion: – Esadazu, arren, zer egin. Errementariak, gogoeta eginik, erantzun zion: – Arrabita zur puska bat besterik ez da, berez. Arrabitak, bihotzik ez baitu, ez daki kantatzen. Zuk jarri behar diozu bihotza. Eraman ezazu, bada, aldea gudura zoazenean. Zur hori zure izerdiak eta malkoek harrapatzen dutenean, zure kezkak haren kezka eta zure ohoreak haren ohore bilakatzen direnean, orduan ez da gehiagoren gehiago izango nik eratutako zur puska, zeure baitako zerbait baizik, zeure bizitzako bizia baizik. Eta orduan, orduan izango du zer esan eta jakingo du nola esan. Gasir berehala abiatu zen berriro bere etsaien kontra gudu egitera. Bere zortzi semeak bildurik esan zien: – Gudua dugu gaur. Gure egite handiak ez daitezela inoiz ahantz. Gure ezpataren loriak bizirik behar du betiko. Zuek eta ni, hilko gara ausaz, baina abesti batean iraungo dugu, eta hark bai, hark bizirik iraungo da betiko. Eta hori esanik, hartu zuen arrabita aldean, et gudura abiatu zen bere zortzi semeekin. Zortzi egunez luzatu zen gudua, heroien guduek ohi duten bezala. Gasirren ezpata kolpeek arrabitaren hariak inarrosi zituzten eta bere bekokiko izerdiak arrabitaren zura harrapatu zuen. Zortzi egunez iraun zuen guduak, heroien guduari zinez dagokion bezala, eta egun bakoitzean Gasirren semeetako batek bizia eman zuen guduan. Zortzigarren egunean, garaipenaren egunean, Gasirrek bere zortzigarren semeari lur eman zionean, heroi handi hura harri baten gainean eseri, eta lehendabizikoz bere bizitza guztian, malko lodiz hasi zen negarrez, doluz eta deitorez. Alferrik ziren bere heroi izate guztiak; bakarrik zegoen betirako, ezer gabe, eta aurki ahaztua zuketen munduan ziren guztiek. Horretan ahots bat entzun zuen Gasirrek, bere bihotzaren barren-barrenetik baletorkio bezala. Arrabita ari zen kantuan, heroiaren egite handiek ez baina haren malkoek bizia emanik. Gasirren eta haren semeen bizitza, haien ausardia eta kemena kantatu zituen arrabitak; eta kantu hura bizi da oraindik eta betiko biziko da. Gizon bat eta lau emazte Hausa herriko ipuina. Afrika. Antzinako garai batean baziren bi etxola, herritik kanpo zeudenak, herritik urruti; etxola horietako bakoitzean senar-emazte bana bizi ziren. Laurak pozez eta zorionez bizi ziren. Ilunabar batez, elkarrekin eserita zeudela, herrian entzunak zituzten azkeneko berriez ari ziren hizketan: basamortuko nomada talde bat iristekoa omen zen biharamunean gerra hotsean, herriari eraso egitera. Gizon bietako batek esan zuen orduan: – Herriari eraso egiten badiote, buruzagia hilko diet. Lagunak berriz oso bestelakoa zuen iritzia: – Nik nahiago dut etxean geratu; ez naiz joango borrokara. – Borrokara ez bazoaz, utz iezadazu lantza —erregutu zion lehenak. – Besterik ez baduzu, eraman ezazu nirea, nahi baduzu. Eta horrenbestez elkarri agur esan eta nor bere etxolara erretiratu ziren. Gau hartan bertan eman zuten erasoa nomadek. Gizona herrira joan zen korrika, lantza eskutan zuela. Gizon haren ausartasunak pizturik, suharki borrokatu zuten herriko gudari guztiak, lehoiak balira bezalaxe. Denen artean esti eragin zieten erasotzaileei. Gudari gazte hark agindua bete zuen. Bizkar-bizkarrean sartu zion lantza etsaien buruzagiari. Hark ordea, heriotz zauria izan arren, galapan ihes egin zuen bere zaldian. Garaileak herrira itzuli ziren; biba eta gora oihuz, danbor hotsez eta musikaz egin zieten ongi-etorria. Gudari gaztea ere herrira itzuli zenean, gainerako gudariak galdezka joan zitzaizkion buruzagiari era nola saritu behar zion halako gudariari borrokan erakutsitako ausardia. – Zaudete lasai —erantzun zien— merezi duen saria emango diot eta. Oihalik dotoreenak ekarrarazi, eta haiez inguratu zion gerria; eta kauri oskol pila bat eman zion, diruaren balioa baitzuten garai hartan. Eta azkenik ehun idi ekarri eta haiek ere oparitan eman zizkion. Gudariaren adiskideak horren guztiaren berri jakin zuelarik, ondamuz beterik, bere lantza itzultzeko eskatu zion. – Etsaien buruzagiak eraman du zure lantza bizkar-bizkarrean sartuta —erantzun zion gudariak. Besteak, ordea, lantza derrigor itzuli behar ziola eskatu ziolarik, herriko buruzagiak emandako kaurien hamarrena eta idi guztiak eskaini zizkion gudariak ordainetan. Auzoak berriz, ez zuen kauririk ez idirik nahi izan. Lantza nahi zuen itzul ziezaion. Gudariak, hortaz, lagunarenetik alde egin eta emazteari esan zion: – Bihar bertan banoa lantzaren bila. Emazteak biak joango zirela erantzun zion. Biharamun goizean goizik gudaria jaiki, eta kontu handiz zaldia etxetik urrun samar atera zuen. Etxetik ez entzuteko moduan urrutiratu zenean igo zen zaldi gainera. Horretan, ordea, emaztea azaldu zen lasterka eta hoska: – Egon, egon. Eraman nazazu ni ere! Zu hiltzen bazaituzte nik ere zurekin nahi dut hil —eta gudariak lagun eraman zuen. Etsaien herritik hurbil samar bazen aintzira bat; neska gazte talde bat hantxe bainatzen ari zen, gudaria eta emaztea iritsi zirenean. Buruzagiaren alabak ziren. Haietan zaharrenak, aitak maiteen zuenak hain zuzen, gudaria ikusirik, hots egin zion: – Nora zoaz, mutil eder hori? Mutilak nor zen galdetu zion. – Buruzagiaren alaba naiz. – Ez nauzu ezagutzen? —galdetu zion orduan mutilak—. Nik hil nuen zure aita, eta nire lantzaren bila nator. Neskak, horrekin, begiak apaldu zituen, eta esan zion: – Zatoz nirekin eta itzuliko dizut. Gudariak bere emaztea zalditik jaitsi, eta herri sarreran itxaroteko agindu zion. Eta buruzagiaren alabarekin joan zen haren etxera. Zaindariek arrotz hura nor zen jakin nahi zuten, baina neskak ezer esan gabe jarraitu zuen aurrera. Lantza pila bat erakutsi zion, baina bererik ez zen ageri haien artean. Beste pila bat jarri zion aurrean, bererik ez, ordea. Hirugarren pila ekarri zionean ezagutu zuen: – Hauxe da nirea. Buruzagiaren alabak esan zion: – Maite zaitut, eraman nazazu zurekin —eta gudariak buruaz baietz erantzun zionez, jarraitu zuen—. Zaldira igo eta ihesi abiatzen garenean, nire aitaren hiltzailea zarela eta bahituta naramazula oihu egingo dut. Gudariak baietz erantzun zuen berriro eta zaldira igo zen. Neska haren atzean eseri zen zangalatrau, eta galapan hasi zirenean, oihuka hasi zen: – Lagundu, lagundu. Lehen nire aita hil zuen, eta orain ni bahitu nahi nau! Ziztuaren gisan ihesari eman zioten. Herri sarreran zain zeukaten lehenengo emaztea ere jaso, eta lasterka jarraitu zuten. Herriko jendea ez zen alferkeriari emana. Atzetik hasi zitzaien. Lehenengoan esti eragin zien gudariak, baina berehalaxe berriro harrapatu zuten. Bigarrenez ere esti eragin zien, baina hirugarrenez harrapatu zuen ibai bazterrean. Hirugarrenez ere esti eragin zien gudariak, eta beste aldera garraiatzaileari oihu egin zion: – Eraman gaitzazu, bizkor, beste aldera. Lagun iezaguzu. Garraiatzaileak, ordea, erantzun zion: – Eramango zaituztet, baina batek nirekin geratu behar du. Bitarte horretan garraiatzailearen alaba etxolatik irtena zen. Ontzia askatu eta ibaiaz beste aldera igarotzen lagundu zien. Han gudariari esan zion: – Maite zaitut, eraman nazazu ni ere. Aita haserre da ontzia kendu diodalako. Zuregatik kendu diot. Gudaria, ordea, buru-makur eta ilun zegoen, zauriz beteta eta nekeak ahituta. Hiru emakumeen artean zuhaitz baten gerizpera eraman zuten, eta itzalean etzan zuten. Berehalaxe loak hartu zuen, eta zaurien ondorioz hil egin zen hantxe. Emakumeak negarrari eman zioten, doluz eta saminez. Horretan undina bat azaldu zen uretatik, eta negarrez zergatik ari ziren galdetu zien. – Ez duzu ikusten senarra hil zaigula? Undina hilarengana hurbildu, eta esan zien: – Berriro piztuko banu ados egongo al zinateke senarra lauon artean partitzeko? – Ados gaude —erantzun zioten hiru emazteek. Undinak hilaren gainera hatsa bota zuen, bada, eta hark begiak zabaldu zituen. Piztua zen berriro. Lau emazteak oso poztu ziren, denak elkarrekin itzuli ziren haren etxera, eta aldi batez behintzat maitasunez eta pozez bizi izan ziren elkarrekin. Gaur egun ordea, bakerik ez da, sesioa eta liskarra baizik, lau emazteak lehian hasiak baitira nor den gehiago, nor den lehenengo eta nor etxeko andre nagusi. Goso, historia kontalaria Behin batean bazen gizon bat, izenez Goso, bakar-bakarrik bizi zena. Egia esateko, bakar-bakarrik ez zen bizi, zeren herriko haur guztiek ondora etorri ohi zitzaizkion esertzera, kokoteroaren azpian, eta haren historiak entzuten egon ohi ziren, hark bezain historia zoragarriak inork ez baitzituen kontatzen herrian. Egun batez gazela bat etorri zen, eta zuhaitz gainera igo zuen. Handik koko ale bat jaurti zion. Koko alea buru-burura erori zitzaion Gosori, eta bertan hil zuen. Gazelak ikusi zuenean zer egin zuen, ahal zuen bezain bizkor ihes egin zuen inork ikus ez zezan. Herriko haurrak luzaroan egon ziren negarrez, hain maitea zuten Goso hil zitzaielako. Azkenean beren malkoak xukatu zituztenean, haren heriotzaren mendekua hartu behar zutela deliberatu zuten denek batera. Ez zekiten, ordea, nork hil zuen. – Hego haizea da seguruenik, kokoaren adarrei putz eginez alea erorarazi eta gure Goso hil diguna —esan zuten beren artean haurrek, eta Hego Haizea harrapatzen ahalegindu ziren korrika. Hego Haizeak, ordea, esan zien: – Zuek uste al duzue ni honen tribu-buruzagi indartsua naizela zuen Goso hil ahal izateko. Ni baino askoz ere indartsuagoa da beti bidea mozten ari zaidan etxea. Orduan haurrak etxera joan ziren korrika, eta kolpeka hasi zitzaizkion ukabilez. Baina etxeak esan zien: – Zuek uste al duzu hain tribu-buruzagi indartsua naizela ni zuen Goso hil ahal izateko? Ni baino askoz ere indartsuagoa da horman zuloa egin zidan sagua. Orduan haurrek sagua harrapatu zuten eta hiltzeko prestamenak egin zituzten. Baina saguak oihu egin zien: – Zuek uste al duzue hain tribu-buruzagi indartsua naizela ni zuen Goso hiltzeko? Ni baino askoz ere indartsuagoa da janaria jaten duen katua. Haurrak orduan katuaren bila joan ziren korrika, eta joka hasi zitzaizkion. Katuak, ordea, miauka egin zien: – Zuek uste al duzu hain tribu-buruzagi indartsua naizela ni zuen Goso hil ahal izateko? Ni baino askoz ere indartsuagoa da mugitzen ere ez uzteko moduan lotzen nauen soka. Haurrek orduan soka hartu zuten. Baina hark esan zien: – Zuek uste al duzu hain tribu-buruzagi indartsua naizela ni zuen Goso hil ahal izateko? Ni baino askoz ere ahaltsuagoa da beti bitan ebakitzen ari zaidan aiztoa. Haurrek, bada, aiztoa hartu zuten, baina hark bere burua zuritzeko esan zien: – Zuek uste al duzu hain tribu-buruzagi indartsua naizela ni zuen Goso hil ahal izateko? Ni baino askoz ere indartsuagoa da kiskali eta burdin puska hutsa bihurtzen nauen sua. Haurrak suarengana joan zitzaizkion, baina suak garretan erantzun zien: – Zuek uste al duzu hain tribu-buruzagi indartsua naizela ni zuen Goso hil ahal izateko? Ni baino askoz ere ahaltsuagoa da nahi duenean itzal nazakeen ura. Urarengana joan zitzaizkion orduan haurrak. – Zuek uste al duzu hain tribu-buruzagi indartsua naizela ni zuen Goso hil ahal izateko? Ni baino askoz ere ahaltsuagoa da edaten nauen idia. Haurrek idiari adarretatik heldu zioten, baina idiak marruka adierazi zien: – Zuek uste al duzu hain tribu-buruzagi indartsua naizela ni zuen Goso hil ahal izateko? Ni baino askoz ere ahaltsuagoak dira askoz ere, egun guztiak ziztaka ari zaizkidan ezpara-euliak. Haurrek ezpara-eulia harrapatu zuten, baina hark burrundaran adierazi zien: – Zuek uste al duzu hain tribu-buruzagi indartsua naizela ni zuen Goso hil ahal izateko? Askoz ere ahaltsuagoa da ni baino mihazkada batez irentsi nazakeen gazela. Haurrek gazela harrapatu zuten, eta gazelak ez zuen hitzik esan. – Gazelak hil digu gure Goso! Gazelak hil digu gure Goso! —hasi ziren oihuka haurrak, eta jo eta jo eta jo egin zuten hilik erori zen arte. Horrela hil zen Goso eta horrelaxe hura hil zuen gazela ere. Baina Gosoren historiek bizirik diraute, eta oraindik ere kontatu eta kontatu egiten dira behin eta berriro. Igelarekin bidaiari Karanga herriko ipuina. Afrika. Gizon bat eta emakume bat elkarrekin ezkonduta zeuden. Aspalditik bizi ziren elkarrekin. Behin emazteak esan zion gizonari: – Gurasoak ikusi nahi nituzke. Aspaldi ez ditut ikusi, eta ikusi bat egin nahi nieke. Senarraren iritzian berriz oraindik ez zegoen gurasoengana joan beharrik, joango ziren hurrengo batean, eta ez zion utzi emazteari gurasoengana joaten. Handik aldi batera berriro esan zion emazteak senarrari: – Aspaldiz gero ez ditut ikusi gurasoak, eta pozik ikusiko nituzke. Senarrak, ordea, hartan ere ez zion baimenik eman gurasoak ikustera joateko, gauza horietarako astia geroago ere izango zela-eta. Emaztea ez zegoen pozik eta bere baitarako esan zuen: – Itxura denez, inoiz ez dit utzi behar aita eta ama ikustera joaten. Erremedio bat besterik ez da orduan; baimenik gabe alde egin. Ezkutu batean egunero-egunero janari pixka bat gordetzen hasi zen, eta halaxe egun batez, senarra etxean ez zela, bideari ekin zion. Laster bai laster zihoan. Ibai handi baten ertzera iritsi zen. Uholde sasoia zen. Ibaia gainezka egina zen eta ingurua ere azpian hartua zuen. Berehalaxe ohartu zen emaztea bere kabuz inola ere ezin igaro izango zuela ibai hura, eta senarraren beldur baitzen, alde batera eta bestera hasi zen, urduri, nora ez zekiela. Oihu eta negar egiten zuen: – Hau zoritxarra! Hau zoritxarra! Nola igaro orain beste aldera? Uraren ertzean igel bat zegoen, eta emakumeari esan zion: – Nahita nahiez oraintxe igaro behar al duzu beste aldera? Zaude ura jaitsi arte, eta aise igaroko zara orduan. – Ezin dut itxoin —erantzun zion emakumeak—. Senarra atzetik dabilkit. Aspalditik bizi gara elkarrekin, baina ez dit utzi nahi gurasoak ikustera joaten. Horregatik alde egin diot, eta gurasoen etxera noa berriro. – Nik laguntzen badizut, zer emango didazu zuk niri? —galdetu zion igelak. – Zurekin ezkonduko naiz —erantzun zion emakumeak. Igelak emakumea irentsi zuen, han zegoen aizkora herdoildu baten kirtenean ezkutatu zen, eta hantxe geratu zen. Orduantxe iritsi zen gizona lasterka, eta bere emaztearen oinatzak uraren ertzean iraungitzen zirela ikusirik, amorruz bete zen, eta ustez beste aldean emaztea ikusten zuelakoan, aizkora ibaiaren beste alderaino ez ezik, gurasoen etxeraino jaurti zuen. Han igela aizkora kirtenetik irten zen, emakumea igelaren ahotik irten zen, eta etxean sartu ziren biak. Eta emakume hura pozez eta atseginez bizi izan zen bere igelarekin; hobe zen hori ezen ez etengabe senarrarekin liskarretan ari. Ilargia nola egin zen Mandinga herriko ipuina. Mali. Afrika. Antzina-antzinako garaietan, oraindik Ilargirik ez zenean, heriotzarik ere ez zen. Gizonak ez ziren hiltzen. Bazen katea bat zerutik zintzilik; eta gizonak bizitzez nekatzen zirenean, katea hartatik zeruraino igotzen ziren, hodeien gainetik, eta hantxe geratzen ziren nahi zuten denbora guztian atseden hartzen. Garai hartan bazen errementari at, Fazobo Ba Si, bere lanean oso trebea zena. Gizon hura ez zegoen pozik bere bizitzaz. Nola egon bada pozik! Jende guztiak zituen seme-alabak, semeak eta alabak; hark berriz alabak besterik ez, bi alaba, eta semerik ez. Nork lagundurik ez zuen, eta horrexek zeukan arranguraturik; berak egin behar baitzuen egiteko guztia: berak sua piztu, berak hauspoari eragin, berak ura ekarri eta berak gainerako guztiak. Den-dena berak bakarrik. Haserretzen zen, suak hartzen zuen, baina semerik ez zitzaion jaiotzen. Behin batean bere lagunei esan zien: – Hau gehiegitxo eta guzti da. Banoa zerura. Lagunek esan zioten: – Zaude pixka bat, egon lasai; izango dituzu semeak ere eta konponduko dira gauzak. Eta Fazobo Ba Si lurrean geratu zen. Behin, ordea, burdina puska bat gorritzen ari zela, berriro haserretu zen, hartu zuen burdina eta zerura igo zen. Alabak, hura ikusirik, ondoren joan zitzaizkion. Gora iritsi zirenean, esan zuten: – Hementxe gaude, aitarekin. Eta hemendik berriro lurrera jaitsi eta ihes egin ez diezagun, katea moztuko dugu. Eta halaxe egin zuten, egin ere, esan bezala. Harrezkero gizonak hiltzen hasi ziren, zerurako katea betiko galdurik. Eta errementariak zerura gori-gori eramandako burdina puska hura ilargi bihurtu zen. Ilargia zeruan hari fin bat balitz bezala ikusten denean, jendeak esaten du: – Hasi da Fazobo burdina goritzen —eta ilargi betea denean:— Errementariak goritu du burdina. Ilargitik hurbil badira bi izartxo gau oskarbi-oskarbietan baizik ikusten ez direnak: Fazobo Ba Siren bi alabak dira. Ipuinak nola asmatu eta zabaldu ziren Indiako ipuina. Orain dela aspaldi-aspaldi, eta urruti-urruti, gizon onak eta txarrak amaitu eta oraindik harantzago, gauza eder hauek guztiak egia ziren denboratan bazen gizon bat, Gunadia izenekoa. Gunadia ez zen ordea zu eta ni bezalako gizaseme arrunta, garai batean bera ere jainko izandakoa baizik, Shiva ahaltsuaren gortean zoriona zer zen ezagututakoa. Egunen batean, izan ere, harrokeriazko bekatu bat egin zuen, eta horregatik Hilezkorren mundutik kanpora egotzi eta zigor astuna eman zion Shiva ahaltsuak, gizonen munduan ibili beharko zuela hara eta hona joan-etorrian, harik eta antzinako garai batean Mahesvara dohatsuak Parvati emazteari tristurazko egun batean bihotza alaitzeko kontatu zion mentura osoa buruz ikasi eta munduko gizon eta emakume guztiei irakasten zien arte guztian. Urteak eta urteak egin zituen nekez eta damuz, gu gizonon artean, historia zoragarri haren aztarren apurrenen bila. Eta, noizbait ere behar-eta, halako batean, aztarren haien albainua topatu zuenean bere nekeen amaia hurbil zuela sumatu zuen. Batetik besterako haietako batean oihaneko zaldun beltz batek kontatu baitzizkion, izan ere, antzinako egun hartan Mahesvarak bere adiskiderik minenaren belarriak gozatzeko asmaturik zituen historia miresgarriak. Zazpi urte behar izan zituen, hala ere, Gunadia olerkari handi hark historia hura osorik jasotzeko. Zazpiehun mila bertsotaraino bete zituen horretan, kantu eta kantu, denak kontatu ahal izan zituen arte. Eta, beldur baitzen mamu gaiztoren batek ebatsiko ez ote zion, oihaneko jeinuaren babespean jarri zen eta bere zainetako odolez idatzi bertso guztiak. Orduan zeruetako eta lurreko jeinu, azti, hada, izpiritu eta sorgin guztiak bildu zitzaizkion ondora, historia haiek berriro entzuteko pozez. Bere lanei buru eman zienean, honela pentsatu zuen berekiko Gunadiak: “Nire damuko desterru honi amaia emango badiot, mundu guztiari erakutsi behar diot orain historia hau. Historia idatzirik daukate neure zainetako odolez, eta zigorraren bigarren partea bete behar dut: Ez du gizonik, ez emakumerik, ez zaharrik, ez gazterik, ez aberatsik, ez pobrerik geratu behar mundu honetako ordeka-mendietan, ibai-mortuetan historia hau ezagutuko ez duenik. Nola iritsi, ordea? Nori utzi beharko ote diot horretarako?” Horretantxe zegoen, eta olerkaria maisu harturik zuten bi ikasleek, haren zalantzaren kontu harturik, non esaten dioten: – Gizon bat, eta ez besterik, da munduan, zure lanaren fruitua jasotzeko gauza denik, eta Sata errege ahaltsua duzu hori. Harexek baitaki, munduan beste inork ez bezala, ederraren ederra estimatzen, eta harexek zabal dezake zure nekearen emaitza, eguratsak lorearen usaia zabaltzen duen bezala. Bere ikasle jator haien iritzia onetsirik, utzi zien liburua Gunadiak, eta Printze ahaltsu harengana bidali zituen biak. Berak Patristana hiriaren ateetaraino lagunduko zien, eta hantxe itxoingo, Parvati jainkosak eraikirik zion etxola batean. Horrela, bada, joan ziren bi gazteak Sata erregerengana, erakutsi zioten liburua, eta esan zioten: – Hona hemen Gunadiaren bertsoak. Hark, ordea, oharturik herriko jendearen hizkuntzan hitz egiten zutela bi gazteek, eta historia ere mintzaira hartantxe zegoela idatzita, eskolatua denaren harrokeria puztuak ihardetsi zien: – Estimagarria da, bai, zazpiehun mila bertso idatzi dituenaren kemena, baina hizkera zabarra du oso, eta odolez idatzi ditu gainera... Ez, benetan ez dut atsegin liburu hori. Ikasleek, orduan, hartu zuten liburua eta maisuari eraman zioten berriro, gertatutako guztiaren berri emanez. Gunadiaren animuak hondoa jo zuen albistearekin, eta ez arrazoi gutxirekin, nori ez baitzaizkio erortzen izan ere bihotzeko hegoak, egindako lana jakitun direnek gutxiesten diotenean? Horregatik, hartu bi ikasleekin batera handik gertuko mendi baterako bidea, eta paraje bakarti zoragarri bat aurkitu zutenean, bertan egur pilo bat prestatu zuen eta su sakratuaz irazeki zuen; eta liburu miresgarri haren orriak, oihanetako piztiei, larreetako abereei eta zeruetako hegaztiei irakurri ahala, sutara botatzen zituen bere ikasle atsekabetuen begien aurrean, bertan kiskaltzeraino erre zitezen. Erregu eta erregu jardunez lortu zuten azkenik olerkietako bakartxo bat gorde zezan, ehun mila bertsotan Naravahararen menturak kantatzen zituena. Gunadiak bere olerkiak irakurri eta sutara botatzen zituen bitartean, ordea, gertatu zen orein guztiek, bufaloek, basurdeek, tigreek, eta gainerako abereek beren larre edo ehizaleku estimatuenak utzi eta olerkariaren ondora bildu zirela, haren inguruan korro zabal bat osatuz. Eta hantxe geratu ziren, alde egin ezinik, begietatik malkoa zeriela, hark irakurtzen ziena entzunez. Bien bitartean Sata erregea gaixotzen hasi zen; eta osagileari deiturik, iritzia eman zuen, bere ustez, ekartzen zioten haragia maskala zela eta hortixe zetorkiola erregeari gaitza; horrenbestez, errua sukaldariei egozten zietenez, honela zuritzen zituzten haiek beren buruak: – Aspaldi honetan ehiztariek ez dakarte haragi maskal indargabea besterik. Ehiztariek ere, kontu eskatzen zitzaienez, burua zuritu nahirik, honela zioten: – Hemendik urruti ez dela bada mendi bat, eta hantxe brahman bat, egunak eta egunak bertsoak irakurri eta sutara botatzen ematen dituena. Horrexek du gure printzea erasan duen gaitzaren errua; abere guztiak, beren larreetatik alde gin, eta inguruan bildu zaizkio, eta bertatik mugitu ere egin gabe egoten zaizkio entzuten; horregatik dute horren maskala haragia, goseak makaldu dituelako. Ehiztariek esanaren berri jakin zuenean, mendirako bidea erakusteko agindu zien erregek, eta hara abiatu zen, Gunadia ezagutzeko asmoz. Esanik zioten tokian aurkitu zuen olerkaria, kalpar tximatsuak burutik behera nahasian, kapusaia balu bezala, alboan zuen suaren kearen kolorekoa, eta bere korro ohi ez bezalako hark inguraturik. Ohorezko erreberentzia bat egin ondoren, galdezka hasi zitzaion ea zer zen hango biltzar hura. Brahmanak bere zortearen historia kontatu zion: lur honetara nola iritsi zen, jainkoen historiak nola ikasi zituen eta zein zigor behar zuen bete. Erregea erreberentziaz makurtu zitzaion, ezagutu baitzuen Gunadia jainkozkoa zela eta Shivaren ezpain armoniaz beteetatik jasotako kontaera zerutiarrak arren emateko eskatu zizkion. Eta honela erantzun zion olerkariak Satari: – Sei historia, seiehun mila bertsotan, suak irentsi ditu, printze jauna. Bat bakarra geratzen zait, emango dizut huraxe. Nire bi ikasleok ere zuretzat uzten dizkizut, nahi baduzu, horiek argituko dizute ulertzen ez duzun guztia. Horrela hitz eginik, erregea agurtu, eta bere izpiritu ahaltsuaren eragin batez haragizko estalkia utzi, eta zor guztiak kitaturik, jainkoak bizi diren tokietara igo zen Gunadia berriro Lehoia, hiena eta katagorria Keniako ipuina. Afrika. Dagoeneko aspaldi bada ere, lehoiak eta hienak elkarren adiskide ziren itxurak egin ohi zituzten. Hainbeste maite zuten elkar, non ezin baitzuten egun bat bera ere igaro elkar ikusi gabe. Lehoia zezen baten jabea zen, eta bere adiskide hienak behi bat zeukan txahala izateko zain. Bi adiskideek animalia horiek elkarrekin larratzen uztea erabaki zuten. Pentsatzekoa den bezala, txandaka larratu ohi zituzten: egun batean hienak eta hurrengoan lehoiak. Hiena oso pozik zegoen, handik gutxira behiarengandik txahaltxo eder bat jaio behar zitzaiolako. Lehoia, berriz, ez zegoen oso gustura bere zezenarekin. Egun batean, larrean aritu ondoren, hienak lehoiari esan zion berehalaxe izan behar zuela txahala, behiak erditzeko gutxi falta zuela-eta. Lehoiak erantzun zion: – Aizu, laguna, zu ez zara ni bezain indartsua, eta hemendik aurrera neu joango naiz egunero gure ganadua larratzera. – Zergatik hori? —galdetu zion maleziarik batere gabe hienak. – Begira —ihardetsi zion lehoiak—, begira: txahala jaiotzen baldin bada, zuk ez duzu indarrik aski izango etxeraino ekartzeko. Hiena ez zegoen guztiz konbentziturik horrekin, baina, eztabaida luzea izan ondoren, amore eman zuen. Eta lehoia joaten zen handik aurrera egunero zezena eta behia larrera ateratzera, harik eta egun batean behiak txahal koskor eder batez erditu zen arte. Lehoia, ez baitzen oso prestua ere, ez zen larrera joan bere adiskide hienari lagun egiteko, iruzur egiteko baizik, beretzat nahi baitzuen txahala. Eta hienari iruzur egin asmoz, bere zezenari odol pixka batez zikindu zion isats ondoa, hartu zuen txahala bizkarrean, eta etxera joan zen. Behia lehoiaren ondo-ondotik zihoakion, alde egin nahi ez zuela, hark bere txahala zeramalako, baina etxera iritsi zen bezain laster, lehoiak, pozez gainezka, hienari esan zion: – Begira zeinen txahal ederra erditu didan gaur nire zezenak! Hiena gaixoak erantzun nahi izan zion esanez: – Baina begira ezazu nola txahala nire behiaren ondora hurbiltzen den: seinale hura duela ama. Eztabaida luzeak izan zituzten, eta gauzak okerrera bihurtu ez zitezen, hienak iradoki zuen: – Begira, nire adiskide lehoia, zergatik ez diogu deitzen epaile egin dezan katagorriari? Lehoiak gustu handiz onartu zuen, ziur baitzegoen inor ez zitzaiola ausartuko kontra egitera. Arratsalde bat izendatu zuten elkartzeko, eta katagorriari deitu zioten; hura, ordea, ez zen azaldu, luzaro zain egon bazitzaizkion ere. Hurrengo egunean lehoia eta hiena bakoitza bere etxean zeuden katagorria iritsi zenean. Diosalak egin ondoren lehoiak galdetu zuen: – Katagorri anderea, zergatik ez zinen etorri atzo gure arazo honetan epaia ematera? Orduan katagorriak erantzun zion: – Barkatuko didazu, lehoi jauna, baina nire putzuko urak su hartu zidan eta ezin izan nuen etorri. Lehoiak harriturik begiratzen zion katagorriari, eta esan zion: – Tira, tira, nori sinistarazi behar diozu zure putzuko urak su hartu zizunik? Katagorriak, maleziazko barre txiki bat eginez, erantzun zion: – Eta nori sinistarazi behar diozu zuk zezena txahalaz erdi daitekeenik? Lehoiak, bere asmoak galdurik ikusi zituenean, amorruaren amorruz katagorriari jauzi egin zion; hura ordea bere habiako zulo sakon batetik barrura sartu zen. Bi sarrera zituen hark, bata handia eta txikia bestea. Katagorria handitik sartu eta txikitik atera zen. Lehoia, ordea, handik sartu baitzen, habia erdian geratu zen ez aurrera ez atzerako ez zela, zuloa oso estua zelako. Eta hantxe hil zen. Horrela, katagorriari esker, hiena animalia guztien jaun eta jabe geratu zen. Mutiko harrigarria Errusiako ipuina. Bazen behin merkatari bat, ospe handikoa, bere emaztearekin bizi zena eta aberastasun handiak zituena. Senar-emazte haiek, ordea, ez ziren zorionekoak, ez baitzuten haurrik, eta horregatik egunero egiten zioten erregu Jainkoari, ea seme bat ematen zien, zorionez beteko zituena, zahartzaroan zainduko zituena, beren ondasunak herentzian hartu, eta hiltzen zirenean beren arimen alde otoitz egingo zuena. Jainkoaren mesedeak irabaztearren, pobreei eta elbarriei laguntza ematen zieten, limosna, janaria eta aterpea. Horrez gainera herri ondoan zegoen zingiradi zabal baten gainetik zubi bat egitea deliberatu zuten, jende guztia hartaz baliatu eta itzuli handi bat egitera behartu ez zedin. Zubia egiteak diru asko eraman zien, baina hala eta guztiz ere merkatari hark burutu egin zuen bere asmoa, bere hurkoei mesede egiteko asmoak eraginik. Zubia bukatu zelarik, honela esan zion behin Fedor bere zerbitzariari: – Zatoz nirekin; eser zaitez zubipean eta entzun ondo zer esaten duen jendeak niregatik. Joan zen bada Fedor, eseri zen zubipean eta adi jarri zen. Hiru agure zahar ari ziren zubi gainetik pasatzen, eta gisa honetako hizketa zerabilten: – Nola eskertu ahal izango ote diogu zubi hau eragin duenari? Seme bat emango diogu, eta hark esaten duen guztia beteko da, eta Jainkoari eskatzen duen guztia emango zaio. Zerbitzaria, hitz horiek entzunik, etxera itzuli zen berriro. – Zer dio jendeak, Fedor? —galdetu zion merkatariak. – Era askotako iritziak agertu ditu: batzuen ustez mesede handia egin duzu zubia eraikiz; beste batzuentzat, berriz, harrokeriagatik egin duzu hori dena. Urte hartan merkatariaren emazteak seme bat izan zuen; bataiatu zuten, eta sehaskan bere izena jarri zioten. Zerbitzariak, inoren zorionaren bekaitzez eta bere nagusiaren onaren damuz, hartu zuen gau erdian, etxeko guztiak lozorrorik lozorroenean zeudenean, usakume bat hil zuen, zikindu zuen haren odolez haurraren sehaska eta amaren besoak eta aurpegia, lapurtu zuen haurra, eta herri hartatik urrutiko emakume bati eman zion haz zezan. Goizean, beraz, esnatu ziren gurasoak eta haurra falta zutela konturatu ziren. Orduan zerbitzari maltzurrak ama salatu zuen haurraren galtzaile: – Amak jan egin du! —esaten zuen—. Begira iezaiozue, eskuak eta ezpainak odolez ditu oraindik ere. Merkatariak, haserrearen haserrez eta minaren minez, kartzelara bidali zuen ama, haren esanei, aitzakia ustetan, jaramonik egin gabe. Urte batzuk joan ziren horrela, eta bitartean haurra hazi egin zen, eta korrika egiten hasi, baita hizketan ere. Fedorrek merkatariari alde egin zion, bera jarri zen merkatari itsas ondoko herri batean, eta haurra bere etxera eraman zuen. Haurraren dohain miragarriak baliatuz, era guztietako gurariak bete arazten zizkion, esanez: – Esazu hau, edo hori, edo bestea nahi duzula. Eta haurrak ez al zuen esan ere egiten nahi zukeen hura, bat-batean betetzen zitzaion. Eta horrela behin esan zion: – Begira, mutiko, esazu erresuma berri bat nahi duzula hementxe, hemendik erregeren palaziorainoxe egin dadila zubi bat, kristalik finenezkoa guztia, eta erregeren alaba ezkon dadila nirekin. Haurrak Fedorrek agindu bezala eskatu zuen, eta itsasoaren ertz batetik besteraino zubi zoragarri bat azaldu zen segituan, kristalik finenezkoa guzti-guztia, eta herri bat ere azaldu zen, marmolezko jauregi apainez, eliza garai dotorez eta erregearentzako eta bere familiarentzako etxe eta gazteluz betea. Hurrengo goizean, erregea esnatu eta leihotik kanpora begiratu eta kristalezko zubia ikusi zuenean, galdetu zuen: – Nork egin du horren gauza zoragarria? Jakin zuten bada erregeren gortesauek, eta Fedor izan zela esan zioten. – Fedor horren abildade handiko gizona baldin bada, neure alaba emango diot emazte. Berehalaxe egin ziren ezkontzarako prestamenak, eta berehalaxe ezkondu ere Fedor eta erregeren alaba ederra. Fedor erregeren palazioan bizitzen jarri zelarik, ordea, haurra jotzen-eta hasi zen; bere morroi egin zuen, momenturo ari zitzaion demandan edo joka, eta batzutan jan gabe ere uzten zuen. Gau batean Fedor bere emaztearekin hizketan ari zen; hura ohean zegoen ordurako; haurra, berriz, zoko ilun batean negarrez ari zen penaren penaz. Erregeren alabak bere dohain miragarria zer zuen galdetu zion Fedorri, esateko nola egiten zituen gauza miragarri haiek guztiak. – Lehenago zerbitzari soila bazinen, nola lortu duzu horrenbeste aberastasun. Nola egin ahal izan zenuen gau bakar batean kristalezko zubi galant hori? – Nire aberastasun guztiak eta nire ahalmen magiazko hau —erantzun zion Fedorrek—, ikusi duzu bada, nirekin nola dabilen beti mutiko bat, bada, behin bere aitari, nire behinolako nagusiari, lapurtu nion haur hori, eta horrexerrengandik lortzen ditut gauza hauek. – Esadazu nola? —eskatu zion erregeren alabak. – Ba ni merkatari aberats baten etxean nengoen zerbitzari: Jainkoak seme bat agindu zion hari, esaten zuen guztia betetzeko dohainarekin, Jainkoari eskatzen zion guztia beteko zitzaiona. Horregatik, haurra jaio zen bezain laster, nik lapurtu egin nuen, eta inork nire susmorik har ez zezan, ama salatu nuen, esanez jan egin zuela semea. Haurrak, hitz horiek entzunik, bere ezkutalekutik irten, eta esan zion Fedorri: – Gaizto hori! Nire eskabideagatik, eta Jainkoaren borondatez, bihur zaitez zakur! Eta hitz horiek ez al zituen esan, Fedor zakur bihurtu zen. Haurrak burdinazko kate bat lotu zion lepotik, eta bere aitaren etxera joan zen zakurra atzetik zuela. Hara iritsirik, esan zion merkatariari: – Emango al dizkidazu sutatik txingar batzuk? – Zertarako behar dituzu txingarrak? – Zakurrari jaten emateko. – Zer diozu, mutiko? —harritu zitzaion merkataria—. Non ikusi duzu zuk zakurra sutako txingarrak jaten? – Eta non erakutsi dizute zuri amak semea jan lezakeenik? Jakin ezazu zure semea nauzula, eta zakur hau Fedor zure behinolako zerbitzaria, ni etxetik lapurtu eta gure ama gezurrez salatu zuen morroi gaiztoa. Merkatariak historia osoa jakin nahi izan zuen, eta amak ezeren errurik ez zuela jakin zuelarik, kartzelako ziegatik askatzeko agindu zuen. Eta gero haurrak eginik uraren ertzean sortua zen erreinu berrian bizitzera eraman zituen denak. Erregeren alaba aitaren etxera joan zen berriro bizitzera, eta Fedorrek zakur jarraitu zuen hil arteko guztian. Munduan izan ziren lehenengo gizonak Malawiko ipuina. Afrika. Lurraren izpiritua bere herrian bizi zen. Bakar-bakarrik egoten zen han, eta asper-asper egiten zen. – Hau da asperra —esan ohi zuen erostaka. Gehien aspertzen zuena ordea, tabakoa erretzeko lagunik ez izatea izan ohi zen. Alde guztietan zegoen tabakoa, baina bera bakarrik egoten zen, beste inor ez zeukan elkarrekin erretzeko. Eta eguerdian bazkaria prestatuko zionik inor ez zegoen. Horrela bakar-bakarrik egotea ez zuen batere atsegin, eta bere baitarako pentsatu zuen: “Gizonak sortu beharko nituzke, nire bazkaria prestatu, eta nirekin tabakoa erre dezaten”. Basora joan eta nkula intxaurrak ematen dituen zuhaitza bilatu zuen. Astindu zuen, eta intxaurrak lurrera erori ziren. Haiek bildu eta etxera itzuli zen berriro. Zenbait egunez berdin egin zuen, harik eta intxaur pila handia bildu zuen arte. Begiratu zituen eta bere baitarako pentsatu zuen: – Honekin aski dudala uste dut. Intxaur haiek denak otar handi batean hartu, eta txalupa zeukan aintzira handiaren ertzera eraman zituen. Txalupa eder galanta zen hura. intxaur guztiak barruan bota, eta burua uretatik atera zuen krokodilo bati deitu zion: – Hator hona! Krokodiloa igerian lurraren ertzeraino etorri zen, eta lurraren izpirituak txalupari lotu zion. – Egin igerian orain —agindu zion krokodiloari, lurraren izpirituak bere kabuz ez zuen inoiz arraunean egiten eta. Krokodiloa mantso-mantso ontziari tiraka hasi zen. – Hoa ertzetik aintzira barreneraino —agindu zion lurraren izpirituak krokodiloari, eta hura aintziraren erdirantz abiatu zen segituan. Luzaro aritu zen krokodiloa arraunean, harik eta hankak odoletan jarri zitzaizkion arte. Eta hala ere igerian jarraitu behar izan zuen, luzaro-luzaro, zuzen-zuzen. Aintzira handia baitzen hura, hain handia non ez baitzen ertza ikusten, hain handia non hondoraino iristen baitzen, eguzkia ezkutatzen den lekuraino. Eta krokodiloak txalupari tiraka jarraitzen zuen denbora guztian, geroz eta urrutirago. Oso urruti iritsi zirenean, lurraren izpirituak krokodiloari agindu zion: – Geldi hadi! Krokodiloa pozik gelditu zen. Lurraren izpirituak intxaur bat hartu, zeukan handiena, gainean putz egin, eta esan zuen: – Hi izango haiz lehenengo gizona! Eta intxaurra uretara jaurti zuen. Uraren azalean geratu zen, hondora joan gabe, eta poliki-poliki aintziraren ertzerantz hasi zen joaten ur azalean. Ondoren lurraren izpirituak beste intxaur bat hartu, gainera listua bota, eta uretara jaurti zuen hura ere: – Hona lehenengo emakumea! Intxaurra ez zen hondora joan, eta ertzerantz abiatu zen hura ere. Gainerako intxaurrekin ere gauza bera egin zuen lurraren izpirituak. Ondoren krokodiloari agindu zion: – Itzul hadi lehorrera! Krokodiloak, haren esana betez, igerian ekin zion bere hankez, eta txalupa eder hura lehorrerantz garraiatu zuen. Hara iritsirik lurraren izpiritua lehorrera jaitsi zen; jende oste handia zeukan zain. Haien buruzagia aurkeztu zitzaion: – Hemen nauzu. Gainerantzekoek ere oihu egin zuten: – Hona hemen gu ere! Emakumezko guztiak gizonezkoen atzean zeuden. Lurraren izpirituak jende hura dena bere herrira eraman zuen, eta enparantza zabalera iritsirik esan zien: – Hona bizitzeko dituzuen etxeak. Eta horrela lurraren izpiritua herriko buruzagi bihurtu zen. Bertako jendearekin batera esertzen zen, emakumeek sukaldeko lanak egiten zizkioten, sukaldari onak baitziren, eta lurraren izpiritua ez zen gehiago aspertu handik aurrera, eta otorduen ondoren tabakoa errez historiak kontatzen zituzten. Nguranguran, krokodiloaren semea Fang herriko ipuina. Afrika. Aspaldi-aspaldiko garaietan Fang herria ibai handi baten ertzean bizi zen. Ibaiaren bazter batetik bestera ikusi ere ez zen egiten, hain zen zabala ibai hura. Ibai horretan bazen krokodilo erraldoi bat. Krokodiloen buruzagia zen, Onbur zuen izena. Fang herriko jendea bizi zen etxea baino handiagoa zuen burua, begiak gurdiaren gurpilak baino handiagoak, eta haren haginek banana bat bailitzan xehatzen zuten gizona, baita bi gizon izanda ere. Larrua gogor-gogorra zuen; lantzaz jotzen bazen, burdina jota bezala erortzen zen. Halakoxea zen piztiatzar hura. Garai horretan Fang herriaren buruzagia zenak, Ngan Esa zuen izena. Egun batez Ngan Esa herritik atera eta ibai bazterrera joan zen. Horretan krokodilo erraldoi hura uretatik atera, eta Ngan Esarengana joanik esan zion: – Entzun, Ngan Esa, entzun! – Adi naukazu —erantzun zion Fang herriaren buruzagiak. – Jakin dut gizonaren haragia gozoagoa dela arrainarena baino. Hemendik aurrera, egunero-egunero, hutsik gabe, gizon bat ekarri behar didazu leku honetara, nik jan dezadan. Horrez gainera astero-astero emakume bat ekarri behar didazu, eta hilero-hilero neska bat. Agindu hau betetzen ez baduzu, herrira sartuko naiz eta denak jango zaituztet. Ngan Esak, herrira itzulirik, krokodiloak aginduaren berri eman zien bere herritarrei. Tristura eta samin handi bat zabaldu zen herritar guztien artean. – Ez zaitezte beldurtu —esan zien Ngan Esak tristura arintzeko—. Baditugu oraindik gerrako gatibu batzuk; haiexek emango dizkiogu krokodiloari jan ditzan. – Eta gatibu guztiak jaten dituenean zer? —galdetu zioten herritarrek. – Nik al dakit? Ez dakit zer egin beharko dugun orduan —erantzun zuen buruzagiak herritarrei. Halaxe hasi ziren Fang herriko herritarrak egunero-egunero gatibu gizonezko bat ibai ertzera eramaten, astero emakumezko bat eta ilean behin neska gazte bat, gatibu zeukatena hura ere. Eta Onbur krokodiloak, etxea adinako bere buruarekin, gurdi gurpilak baino handiagoko begiekin, bananak balira bezalaxe xehatzen zituen bere haginen artean gatibu gaixoak. Baina handik pixka baterako Fang herria gatiburik gabe geratu zen. Eta Ngan Esa buruzagiak esan zien: – Alde egin beharra dugu hemendik. Goazen urrutira, mendietara. Hara joanez gero Onbur krokodiloak ez gaitu harrapatuko, eta bakean biziko gara. Urte sasoi lehorraren azken aldea zen, hain zuzen; bideetan ibiltzeko sasoi hoberena, bideak lehor baitaude, eta ibaiek ere orduan baitaramate ur gutxien. Fang herriko herritarrek, beraz, beren ondasun guztiak gurdietan pilatu, abereak aurrean hartu, eta bideari heldu zioten. Triste eta isilik zihoazen. Haurrek baizik ez zuten negar egiten. – Ez ezazue negar egin —esaten zieten emakumeek—. Hemendik alde egingo ez bagenu krokodilo gaiztoak denok jango gintuzke banan-banan. Onbur krokodiloa alfer-alferrik egon zen egun hartan eguneroko opariaren zain. Egun bat, bi hiru egun egon zen zain. Gero haserretu egin zen: – Banoa herrira, denak jango ditut —eta herrirantz abiatu zen. Herria, ordea, hutsik zegoen. Ezta gizon bat bera ere, gosea asetzeko, ezer ez. – Zer gertatu da baina? Non dira Fang hauek? —galdetzen zion bere buruari krokodiloak. Ezin jakinez, basoko izpirituei deitu zien. Irten basotik Basoko izpirituak! Entzun nik esana, Krokodiloen buruzagia ari da hitz egiten! Erantzun nire galderari, erantzun zalantza gabe, tximista bidaliko dizuet, haizetea bidaliko dizuet, erantzuten ez badidazue, esaten ez badidazue non diren hemen ziren baina orain ez direnak. Non dira, nora dira joanak? Horra basoko izpirituak, horra deabru eta intxixu guztiak, horra nire galdera. Basoko izpirituak Fang herriaren aldeko ziren, ordea. Ez ziren basotik irten; Onbur krokodiloaren galderari ez zioten erantzun. Orduan uretako izpirituei galdetu zien krokodiloen buruzagiak: Irten uretatik, uretako izpirituak. Onbur ari zaizue deika. Entzun nire esana, erantzun laster, erantzun zalantza gabe! Ekaitza ekarriko dizuet, euria ekarriko dizuet bestela. Erantzun iezadazue, esadazue non diren hemen ziren baina orain ez direnak. Non dira, nora dira joanak? Horra, uretako izpirituak, horra deabru eta intxixu guztiak, horra nire galdera. Uretako izpirituak krokodiloarekin loturik zeudenez, krokodiloa uretan bizi baitzen izan ere, Fang herria ihesi joana zela esan zioten, urrutira joana, mendi aldera joanak zirela guztiak. Onbur atzetik joan zitzaien, ea harrapatzen zituen. Fang herria bidean zen oraindik. Ilunabarrean gauerako kanpamendua antolatzen zutenean, basoko izpirituei hots eginez, abesten zien Fang herriaren buruzagiak: Basoko izpirituak, oihanetako izpiritu onak, entzun arren gure otoitza: Fang herriaren buruzagi apal honek erregutzen dizue. Entzun arren, haren erregua: Ez iezaguzue bidali zerua arrakalatzen duen tximista! Ez iezaguzue bidali dena errotik ateratzen duen haizea! Basoko izpiritu onak, ez zakizkigute aiher; baizik erakuts iezaguzue hemen gelditu behar dugun ala aurrera behar dugun jarraitu Onbur gaiztoak denok ez gaitzan jan eta fang herria betiko galdu. Eta basoko izpirituak Fang herriaren aldeko zirenez, aurrerago jarraitzeko agintzen zieten, beti aurrerago. Eta halaxe Fang herriaren bidazti egin zen. Haurrak gizondu eta emakumetu ziren, gizonak aguretu eta emakumeak atsotu, eta Fang herria bidean ari zen oraindik. Horretan, ordea, alfertzen, nagitzen eta ernegatzen hasi ziren: – Basoko izpiritu horiek ez dira gure lagun —esaten zuten—, zergatik basoko izpirituei deitu ordez ez diezu deitzen uretako izpirituei? —galdetu zioten Ngan Esa buruzagiari—. Uretako izpirituek dakite, inork jakitekotan, non dagoen Onbur ezkutaturik. Eta halaxe Ngan Esa uretako izpirituei hasi zitzaien otoitz egiten, oihanetakoei otoitz egin ordez: Uretako izpirituak, ibaietako izpiritu onak, entzun arren gure otoitza: Ez iezaguzue bidali lurra estaltzen duen ekaitza, bideak itotzen dituen uholdea. Uretako izpiritu onak, ez zakizkigute aiher, baizik erakuts iezaguzue hemen geratu behar dugun ala aurrerago behar dugun jarraitu Onbur gaiztoak denok ez gaitzan jan eta fang herria betiko galdu. Uretako izpirituak ez ziren ordea, Fang herriaren aldeko; Onbur krokodiloaren adiskide ziren; horra zergatik agindu zioten Ngan Esari zegoen lekuan gera zedin. Fang herria pozik zegoen uretako izpirituek zeuden lekuan bertan geratzeko agindu zietelako. Etxeak egiten hasi ziren, bakean eta atsedenean, azkenik bizitzeko leku bat bazutelako zorionez. Ez zien luzaro iraun ordea, poz hark. Han zeuden hirugarren egunaren goizean Onbur krokodilo gaiztoa agertu zen berriro herrian, eta agindu zion Ngan Esa buruzagiari: – Ai ergela, ergela, Ngan Esa, eta ergelak Fang herritarrak. Entzun ondo zer esan behar dizudan. – Adi naukazu —erantzun zion izu-ikaraz Ngan Esa buruzagiak. – Gure tratua ez betetzeko ihes egin duzunez, hemendik aurrera bi gizon ekarriko dizkidazu egunero, bat ekarri ordez, eta bi emakume astero eta bi neska hilabetero. Eta gaur bertan zure alaba bakarra eman behar didazu. Ngan Esari bihotza eteteraino samindu zitzaion, bere alaba, Alena-kiri, ederretan ederrena zelako eta guztiz maitea zuelako. Baina ez zekien nola ihes egin Onbur krokodilo erraldoiaren aginduari. Alabaina, Onbur krokodiloak Alena-kiriren edertasuna ikusi zuenean erabat maitemindu zen hartaz. Bizkar gainean hartu zuen, eta bere ibaira itzuli zuen, Fang herria bakean utzirik. Handik aldi batera Alena-kirik seme bat izan zuen Onbur krokodiloarengandik. Amak Nguranguren jarri zion izena. Mutil arin bizkorra zen, eta urtetik urtera gabe, egunetik egunera antzematen zitzaion hazten ari zela. Bere adineko beste mutilak oinez ibiltzeko ozta-ozta gai zirenean, hura gizondua zen dagoeneko, eta besteak hitz egiten hasi orduko hura gizon larri bilakatua. Ez zion askorik axola krokodilo semea izateak; berak aitona, amona eta Fang herriko ahaide guztiak ezagutu nahi zituen. Ez zion askorik axola Onburren semea izateak; bere aitak bere tribuari egindako kalte guztien mendekua hartu nahi zuen. Nguranguranek inoiz ikusi gabe zituen bere Fang herriko kideak, eta hala ere maite zituen. Amak, Alena-kirik, sartua zion maitasun hori. Egun batez, bada, Nguranguranek amari esan zion: – Goazen, ama, ihes egin dezagun, eta joan gaitezen zure aitaren eta amaren etxera, Fang herrira. Alena-kirik tristurazko irribarre bat egin zion semeari. – Ezinezkoa da hori, seme. Edozein lekutara ihes eginda ere, Onbur gaiztoak aurkitu egingo gintuzke. Eta okerrago izango litzateke bai guretzat eta, Fang guztientzat. Herrira itzuli baino lehen aita hil beharra dago nahitaez. – Nola hilko dut baina nik aita, nire aldean askoz indartsuagoa eta azala burdina baino gogorragoa du eta? – Egiezu otoitz basoko izpirituei; behar bada laguntzera etorriko zaizkizu —aholkatu zion amak Ngurangurari. Eta halaxe, Nguranguranek oihanetako izpirituei otoitz egin zien, esanez: Basoko izpirituak, oihanetako izpiritu onak, entzun arren nire otoitza: Fang herriaren seme apal honek erregutzen dizue. Entzun arren erregua: Ez iezaguzue bidali dena errotik ateratzen duen haizea. Basoko izpiritu onak, ez zakizkigute aiher; baizik erakuts iezaiozue Nguranguran gaixo honi nola hil Onbur, nire aita gaiztoa, hain indartsua, hain azal gogorrekoa, Fang gaixoak jan dituena. Oihanetako izpirituak, horra nire erregua. Oihanetako izpirituek gorroto zioten Onbur krokodilo gizajaleari eta oso maite zuten Fang herria. Horregatik Nguranguran oihanera eraman zuten, palmondo berezi bat zegoen lekura. Palmondo haiek bota eta haien zukua ontzi handi batean biltzeko esan zioten. Nguranguranek izpirituek agindu zioten guztia zuzen eta zintzo bete zuen; upel bete zuku bildu zuen, eta zuku hura egosi zuenean, edari gozo bat bilakatu zen, gizonaren bihotza pozten duena, Fang herrian djabe deitzen dena. Onbur krokodiloak, beti gose eta egarri baitzen, djabea edan zuen, eta poza sentitu zuen bere baitan. Abesten hasi zen: Djabea edaten dut, nire bihotzaren pozgarri. Djabea edaten dut, zorionaren iturri! Djabea edaten dut, djabea dut edari, ni, krokodiloen buruzagi, izakiek oro didate beldur niri; oihaneko izpirituek, uretako izpirituek niretzat ezer ez da ez ongi ez gehiegi neu bainaiz ur guztietako buruzagi. Djabea edaten dut, nire bihotzaren pozgarri. Djabea edaten dut, zorionaren iturri! Djabea edaten dut, djabea dut edari. Horrelaxe abesten zuen Onbur krokodiloak, horrelaxe abesten eta edaten. Eta edan ondoren lo sakon, zurrun, luze batek hartu zuen. Aukera hartaz baliatu zen Nguranguran. Burdin lodi bat harturik, sutan gorritzeraino berotu zuen, eta indar guztiak batera bildurik eztarri-eztarrian sartu zion krokodiloari; ahoa zabal-zabalik ari baitzen zurrunga eta zurrunga. Onbur krokodiloak orro ikaragarri bat bota zuen; jauzika eta burua astinduz burdinazko ziria eztarritik kanpora ateratzen ahalegindu zen. Alferrik ahalegindu, ordea. Burdina sakoneraino sartuta zeukan eztarrian; eta halaxe hil zen inoiz izan den krokodilo buruzagi ahaltsuen eta beldurgarriena. Nguranguran pozik zegoen krokodiloa hilik zurrun eta hotz ikusi zuenean. Aluma-kiri, haren amak ere lasaitasunez eta alaitasunez negar eta guzti egin zuen. Eta astirik beste ezertan galdu gabe, Fang herria bizi zen urrutiko mendirantz abiatu ziren. Bide luzean ibili behar izan zuten, eta indar guztiak ahiturik iritsi ziren azkenean Fang herrira. Ngan Esak ezin zuen sinistu ere egin betirako galdua uste zuen bere alaba Alena-kiri begien aurrean ikusi zuenean, eta nekezago sinetsi zuen haren ondoan zetorren gizona bere biloba Nguranguran zela esan ziotenean. Nguranguranek Onbur krokodiloa nola hil zuen kontatu zionean ordea, irribarre triste bat marraztu zitzaion aurpegian Ngan Esa buruzagiari. – Nire biloba hau mutil ederra da, eta indartsua gainera; gezurtia ere bai, zoritxarrez. Alfer-alferrik zin egiten zuen Alena-kirik Nguranguranek esan guztia egia zela, alfer-alferrik erakusten zuen hark krokodiloari kendu eta orain berak gerrian aizto gisa zerabilen krokodilo hortza. Inork ez zuen sinesten munstro gaiztoa hil zuenik. Nguranguranek palmondoak zeuden lekura eraman eta djabea, gizonen bihotzak arindu eta indartzen dituen edari hori, prestatzen erakutsi zionean, orduan hasi ziren Fang herriko kideak Nguranguranek kontatuak sinesten. Fang herriko kideek pozik eta atseginez edan zuten djabea, eta ez zekiten zer gehiago eskertu Ngurangurani: Onbur krokodiloaren esklabo izatetik askatu izana ala edari gozo barren-bero hura ezagutarazi izana. Zeren lehenik djabe palmondoak zeuden lekura aldatu baitzituzten bere etxeak eta herria, eta Akanguran, “krokodiloetatik libratua”, izenez deitu zuten herri hura. Handik urteetara, Ngan Esa arras zahartu zelarik, Nguranguran hautatu zuten buruzagi. Gaur egun bertan ere, bere arbaso nagusien artean ohoratzen du Fang tribuak Nguranguran buruzagia. Bizitza munduan zehar nola ibili zen Afrika. Behin batez Bizitza bere etxetik atera eta munduan zehar txango bat egitera joan zen. Ibili eta ibili, erabat gizendu eta puztu eta ia ibiltzeko ere gauza ez zen gizon batekin topo egin zuen. – Nor zara? —galdetu zion gizonak. – Bizitza —erantzun zion. – Bizitza baldin bazara, niri berriro osasuna ematen jakingo duzu beharbada… – Itzuliko dizut osasuna —esan zion bizitzak, baina badakit aurki ahazturik izango gaituzula bai ni bai gaixotasuna. – Ez horratik ahaztu —esan zuen gizonak. – Zeuk nahi bezala. Zazpi urte barru hemen izango naiz berriro —esan zion Bizitzak; bidetik eskutada bat hauts bildurik gizonari buruan bota zion, eta sendatu zuen. Ibilian-ibilian legenardun bat topatu zuen aurrerago. – Nor zara? —galdetu zion gizonak. – Bizitza. – Bizitza? Itzuliko didazu hortaz osasuna. – Itzuliko nizuke —esan zion Bizitzak— baina badakit osasuna itzuliko banizu berehalaxe ahaztuko nindukezula, bai ni bai zure gaixotasuna. – Ez dut uste! Ez zaituztet, ez, ahaztuko —erantzun zion legenardunak. – Zazpi urte barru hemen izango naiz berriro eta orduan ikusiko dugu —esan zion bizitzak. Bidetik hauts pixka bat bildu eta gaixoaren buru gainean zabaldurik, legenarra garbitu zion. Bidean aurrera jarraitu eta itsu bat topatu zuen. – Nor zara zu? —galdetu zion itsuak. – Bizitza. – Bizitza? —esan zion itsuak—. Itzul iezadazu bada, arren, ikusmena. – Itzuliko dizut ikusmena, baina badakit luzera gabe guztiz ahaztuko gaituzula ni eta zure itsutasuna —esan zion Bizitzak. – Ez behintzat. Ez zaitut inoiz ahaztuko, eta hil arterainoko guztian beti eskerrak emango dizkizut. – Ondo da hori. Zazpi urte barru berriz itzuliko naiz, eta orduan ikusiko dugu zer. Eta hori esanik bidetik eskutada bat hauts hartu eta itsuari buruan zabaldurik ikusmena itzuli zion. Zazpi urte joan ziren, eta munduan zehar beste ibili bat egitera abiatu zen Bizitza. Itsu baten itxura harturik zazpi urte lehenago ikusmena itzuli zion gizonarengana hurbildu zen. – Gauerako aterpea emango al didazu? —erregutu zion. – Ez! —erantzun zion gizonak—. Segi zure bidetik. Zu bezalako gaixoak ezertarako ez ditugu behar. – Esana nizun —erantzun zion Bizitzak—. Orain dela zazpi urte, itsua zinen eta ikusmena itzuli nizun. Hori inoiz ez omen zenuen ahaztuko, esan zenuen orduan. Eta bidetik eskutada bat hauts bildurik, esker txarreko gizon haren oinatzetan barreiatu zuen. Era horretan itsu izana itsu bihurtu zen berriro. Ibilian-ibilian, zazpi urte lehenago sendatua zuen legenardunarengana hurbildu zen Bizitza. Legenardun baten itxura harturik, gauerako aterpea eskatu zion. – Segi zeure bidetik, bestela legenarra harrapatuko dut-eta —erantzun zion hark. – Esan nizun —erantzun zion Bizitzak—. Orain dela zazpi urte neuk sendatu zintudan, eta inoiz ez zenuela ahaztuko esan zenuen. Lurretik hautsa hartu eta legenardun izanaren oinatzetan barreiatu zuen, eta lehen legenardun izanari legenarra azaldu zitzaion berriro, haragia zatika erortzeraino. Ibilian-ibilian Bizitzak ia ibiltzeko gauza ez izateraino gizendu eta puztu zuen bere gorputza. Hala puzturik, zazpi urte lehenago sendatua zuen lehenengo gizonarengana joan zen. – Gauerako aterpe emango al didazu? —eskatu zion. – Bai, noski, nola ez bada —erantzun zion gizon hark—. Sar zaitez, eseri zaitez eta neuk emango dizut jaten. Badakit zer neke den zuretzat horrela ibili beharra, neu ere horrela ibilia naiz-eta. Orain dela zazpi urte, ordea, Bizitza azaldu zen, eta sendatu ninduen. Zazpi urte geroago berriro etorriko zela esan zidan. Itxoiozu hementxe, aurki etortzekoa da-eta. Hark beharbada sendatuko zaitu zeu ere. – Ni naiz Bizitza —erantzun zion—. Orain dela zazpi urte sendatu nituenetatik zu zera hura ahaztu ez duen bakarra. Horrexegatik bizi zaren artean ez zara berriro gaixotuko. Eta bukatu zuen esanez: – Bizitza etengabeko aldakuntza da. Zoriona zoritxar bihurtzen da berehala, aberastasuna txirotasun, maitasuna gorroto. Tamalgarria hori ahaztu eta kontuan hartzen ez duena! Oiloa eta mirua Tantzaniako ipuina. Afrika. Behin batean bazen miru bat. Ume bakarra zuen. Rajini zuen izena. Ume hori oso gaixotu zen behin. Berehalaxe jakin zen alde guztietan Rajini, miruaren umea, hiltzeko zorian zegoela. Rajiniren aitak sendagile asko etorrarazi zituen, umea senda ziezaioten, baina inork ere ezin izan zion sendatu. Gurasoak etsi-etsita zeuden, zer egin ez zekitela. Biharamunean gizon bat iritsi zen eta esan zien: – Badakit nik sendagile bat Rajini senda dezakeena, oso sendagai ona du-eta. Sendagile horrek zure semea baino askoz ere gaixoago eta larriago zeudenak ere sendatu izan ditu. Baina hari deitu aurretik sari bat eman behar didazu. Miruak esan zion: – Emango dizut saria, baina gure umea sendatzen ez bada, zer? – Sendagilea etorri, zure umeari sendagaia eman, eta sendatzen ez badu, eman didazun guzti-guztia itzuliko dizut. Hitz ematen dizut. Mirua postu zen, horiek entzunda, eta esan zion: – Ongi da, hortaz. Saria emango dizut. Zenbat behar duzu? – Ehun erreal, jauna. Miruak ehun erreal eman zizkion. – Mugi laster, gure umea hiltzear dago-eta —esan zion miruak. Gizon hura armiarmaren etxera joan zen laster-laster. Atean jo, eta, armiarmak erantzunik, barrura sartu zen. – Badakit, jauna, oso sendagile jakintsua zarela. Miruaren umea hiltzeko zorian dago. Senda ezazu, arren. Zoaz, eta sendatzen baduzu, sari bikaina izango duzu. – Joango naiz, baina bizkarrean eraman behar nauzu, bestela oiloak ikusten banau jan egingo nau-eta. – Zer dela-eta jan nahi zaitu oiloak ezer egin ez badiozu? —galdetu zion harriturik gizonak. – Ez al dakizu, bada, atzo jakinarazi zutena? Atzo jakinarazi zutenez oiloak mozorrorik ikusten badu, bertan jango duela esan omen du. Eta zer naiz ni oiloarentzat, mozorroa ezpada? Gizonak ez zion sinetzi: armiarma miruarenera oinez joateko nagituta zegoela iruditu zitzaion, eta Rajini ikustera bakarrik joan behar zuela esan zion. Armiarma berehalaxe ohartu zen joan beste erremediorik ez zuela. Hartu zuen, bada, sendagai poltsa eta bideari lotu zitzaion. Miruarenera ia iritsirik zela oiloarekin topo egin zuen. Bide bazterrean ezkutatu zen, ihi artean. Oiloak ordea, armiarmaren oinatzak ikusi zituen, eta haiei jarraituz, armiarma aurkitu zuen. Mokoka hil zuen, eta txitei deitu zien jateko. Txita bakoitzak armiarma zatitxo bana jan zuen. Armiarmaren sendagai poltsa ikusirik, hura ere xehatu eta barreiatu zuten sendagai ontzi guztiak birrindurik. Mirua luzaro egon zen gizona azaldu zain. Orduak, egunak joan ziren, eta umea geroz eta gaixoago eta larriago zegoen. Gizonak iruzur egin ote zion susmoa hartzen hasia zen. Makila lodi-lodi gogor bat harturik, gizonaren etxerantz abiatu zen, gauzak argitzeko asmoz. Bide erditsua eginik zuela, sendagai ontzi puskatuak eta poltsaren oihal zatiak aurkitu zituen. Inguru guztia ongi miatu, eta papertxo bat ere aurkitu zuen. Irakurri zuen: “Gizon bat etorri zait esanez Rajini, miruaren umea ikustera joateko, gaixo dagoela-eta. Laster joateko, gainera, hilzorian dagoela-eta. Banoa” —jartzen zuen paperean. Paper hark ez zuen argitzen, ordea, armiarmari zer gertatu ote zitzaion bidean. Baina luze gabe antzeman zion han gertatuari, oiloaren eta txiten oinatzak ikusita. Etsita itzuli zen etxera. Handik bi egunera miruaren umea hil zen. Umea ehortzirik, haren mendekua hartu behar zuela zin egin zuen miruak. Halaxe jakinarazi zion gizonari eta animalia guztiei, oiloa edo oilanda edo oilaskoa ikusten bazuten, zilegi zutela hil eta jatea. Harrezkero mirua eta oiloa elkarren etsai dira. Oparotasunaren adarrak Antzina-antzinako garaietan bazen behin kraal handi bat, etxola asko zituena. Emakumeak beren lanera joaten ziren, eta haurrak pozik egoten ziren plazan jolasean. Bazen hala ere mutiltxo argal bat pozetan bizi ez zena. Mutiltxo haren ama urtebete lehenago hila zen, eta bera triste eta gosez bizi zen. Kraaleko emakumeek ez zuten nahi umezurtz hari jaten eman beharrak zekarkeen lanik. Etxolarik etxola ibili eta guztietatik egotzia zen; eta negar egiten zuenean, ez zuten astirik izaten haurrari eskaintzeko. Mutiltxo gaixoa argalago eta ahulago bihurtu zen egunetik egunera. Ahaleginak egin arren inork ez zion abegi onik egiten. Egun batez egur bilketan aritu zen, ustez kraaleko emakumeren batek eskertu eta jaten emango ziolakoan; emakumea, ordea, kexu zen egur puskak txikitxoak zirelako; eta mutiltxoa jo eta kanpora bidali zuen. – Jende bihozgabe horren ondotik alde egin eta ez naiz gehiago itzuliko —pentsatu zuen bere baitarako mutilak. Ilundu zuenean ukuilura joan eta aitaren idietako bat hartu zuen. Gainera igo eta landetan zehar eraman zuen animaliatzar hura. Handik puska batera idia eta haurra, biak, gelditu eta atseden hartzeko etzan ziren. Horretan zeudela hauts lodi bat zetorrela ohartu ziren. – Behi talde bat da, zezen indartsu bat gidari duela —esan zuen idiak—. Nirekin borrokan egin nahi du, baina zaude lasai. Nik menderatuko dut. Mutiltxo argala beldurrez zegoen zezen indartsua hurbildu ahala. Ostikoz jotzen zuen lurra, eta bafada bortitzak botatzen zituen muturretatik. Burua eta adar zorrotzak astindu eta desafio egin zion mutilaren idiari. Borroka bortitza hasi zen. Bi izaki erraldoi haiek adarka, talkaka, bultzaka eraso zioten elkarri. Azkenean mutilaren idiak irabazi zuen, eta etsaiak bere taldearekin alde egin zuen ihesi. Hurrengo egun osoan mutila eta idia amaigabeko zabaldian ibili ziren aurrera eta aurrera. Ilunabarrean beste zezen erraldoi batek desafio egin zien berriro, lurrean ostikoka eta bafadaka. – Jaitsi bizkarretik —esan zion mutilari idiak—. Zezen honekin ere borroka egin beharra dut, baina orain nekatuta nago eta menderatu egingo nau. Baina ez izan beldurrik. Hiltzen nauenean ken iezazkidazu adarrak, eta eraman itzazu aldean. Goseak edo beharrean zaudenean, jo adar horiek, eta nahi duzun guztia izango duzu. Mutila izu-izu eginik zegoen bere laguna hil eta bakarrik geratuko zela pentsatu hutsarekin, baina aukerarik ez zuen. Haren bizkarretik behera jaitsi eta bigarren borrokaldian zer gertatu zain geratu zen. Gudu bortitza izan zen; azkenean mutilaren lagunak azkeneko hatsa bota eta lurrera erori zen hilik. Mutiltxoa negarrez zegoen; idiak esana gogoratuz, haren adarrak hartu, eta aldean eraman zituen bere bidaian. Edozer gertatuta ere, erabaki sendoa zuen bere kraalera ez gehiago itzultzeko. Ilunabarrean etxola batera iritsi zen; mutilak ostatu eskatu zuen. Jabeak ongietorria egin zion. – Pozik emango dizut aterpe —esan zion gizonak alaitasunez— baina janaririk ezin dizut eskaini. Gosetea dugu lurralde honetan eta belarra besterik ez dut neuk ere jateko. Irribarre bat eginez mutilak bere idiaren adarretako bat jo, eta jateko eta edateko eskatu zuen. Bat-batean behar adina eta gehiago janari azaldu zen mutilarentzat eta gizonarentzat. Mila eta mila esker eman zizkion mutilari, eta biak lurrean etzan ziren lotarako. Gizona, ordea, berehalaxe ohartu zen zenbat balio zuten adar haiek, eta beretzat bakarrik nahi zituela deliberatu zuen. Gau hartan etxolako bazter batean gorde zituen bi adarrak, eta haien ordez hildako beste zezen baten adarrak jarri zizkion mutilari. Goizean mutilak, gizonari emandako aterpea eskerturik, bidean aurrera jarraitu zuen. Ordutan eta ordutan ibili zen, gosetu zen arte; adarretako bat jo eta janaria eskatu zion. Janaririk ez zen atera, ordea. Berehalaxe ohartu zen nola engainatu zuten. Gaua eman zuen etxolaren bila itzuli zen atzera. Atez kanpotik adi-adi jarri, eta gizonaren hitzak entzun zituen, adarrak joz eta janaria eskatuz; adar haiek mutilak esana baizik ez zuten betetzen ordea. Lapurrari ez zioten ezer ematen, eta unetik unera hasarretzenago zen hura. Mutila etxolan sartu zen, eta gizonaren bihotza izuz bete zen, mutilaren magiazko ahalmenen beldurrez. Urrutira alde egin zuen etxolatik eta ez zuen presarik hara itzultzeko mutila han zen bitartean. Horrela bada, mutilak adarrak jo eta janaria eskatu zien. Janari gozoa jarri zioten aurrean. Hura janik lasai eta pozik geratu zen lotan etxola eroso hartan gau osoan. Egunarekin batera bideari ekin zion berriro, idiaren adarrak aldean zituela. Goiz osoan ibili zen eguzki galdatan. Eguerdian harkaitz baten itzalen babestu zen, eta adarrak emandako janaria jan zuen. Arratsalde osoan ibili ondoren, gauerako beste etxola batera iritsi zen. – Emango al didazu gaur gauerako aterpea —eskatu zion mutilak etxolan zegoen gizonari. Gizonak umezurtz gaixo nekatuari begiratu zion. – Zoaz hemendik —esan zion—, ez dut zu bezalako malapartaturik behar nire etxolan. Neke handiz mutilak aurrera jarraitu zuen, ibai baten ertzera iritsi zen arte. Ur hotzetan garbitu zen eta berriro jo zituen adarrak. – Ekar iezazkidazu jantzi eta oinetako eder batzuek, besoak eta hankak janzteko —esan zuen. Bat-batean gauza horiek guztiak azaldu zitzaizkion aurrean. Jantzi zituen, eta buruzagi baten semea bailitzan distira egiten zuen. Kraal batera hurbildu zen. Buruzagia bera irten zitzaion agur egitera. – Ongi etorria, ahaltsu hori —esan zion irribarrez, aurrean makurtu eta festara sar zedin erregutuz. Mutila urte luzez bizi izan zen kraal hartan. Zer behar zuen, guzti-guztia ekartzen zioten oparotasunaren adarrek. Mutila horren aberatsa zenez, begiramendu handia zioten bere lagun berriek. Buruzagiaren alaba eman zioten emazte izateko, eta bizitza guztian zorionean eta oparotasunean bizi izan zen. Printzesa harroa Afrika. Antzinako garaietan bazen errege handi bat. Haren konkistek odaiertz batetik besteraino harrapatzen zuten. Haren gudariak indartsuak ziren, eta haien pausoen hotsak berak beldurra sartzen zuen erregeren etsaien bihotzetaraino. Egun batez, gudariak beste garaipen bat lortzetik zetozela, erregek alaba bat izan berria zuen. – Nire etsaiak belarra segaren aurrean bezalaxe erori diren egunean jaio delako, hauxe izango dut alaba guztien artean maiteena —esan zuen erregeak—. Hazi eta emakume izatera iristen denean, inoiz ikusi ez diren bezalako jaiak ospatuko ditugu. Iparretik eta Hegotik, Sortaldetik eta Sartaldetik ekarriko da ganadua. Haien oinek aterako duen hautsak hodeia irudituko du, eta eguzkia estaltzeraino zabalduko da. Ganadu hori hil eta inoiz inongo printzesarentzat egin den jairik oparoena ospatuko da. Gudua irabazi duten erregeak sarri mintzatu ohi dira horrela; horixe espero zuen, espero ere, jendeak. Denek zekiten gudarien garaipenaren ohorea jasotzeko esaten zituela horiek, baina denek zekiten, baita ere, agindu horiek ez direla gero betetzekoak. Denek zekiten hori guztia, printzesatxoak salbu. Oso neskato polita zen, eta bere ama harroak aitak, erregeak, esandako hitz handiak esan zizkion. Amak bazekien erregek esan nahi, bere alaba maiteenari jai handi bat egingo ziola nahi zuela esan; neskatoak ordea sinistu egin zituen eguzkia ezkutatuko zuen hauts hodeia sortuko zuen ganadu taldearena eta gainerako guztiak. Printzesak guztiz uste handia hartu zuen bere buruaz eta harrotu egin zen erabat. Hala eta guztiz ere, errege ahaltsuaren alaba maiteena baitzen, inork ez zizkion zuzentzen uste horiek. Handik urte batzuetara printzesa bere adinera iritsi zen. Herri hartan ohitura zen bezala, herritik alde egin eta *beilatokira joan zen. – Esaiozue aitari prest nagoela eta ekartzeko agindutako ganadua —esan zien berekin joanak ziren neskei. Neskak laster-laster joan ziren aitarengana, eta printzesa zain geratu zen, bere nagusitzaro egunerako agindutako ganadua noiz iritsiko. Errege ahaltsu hark hogei idi bidaltzeko agindu zuen. Hogei idi oso opari handia zen neska batentzat. Printzesa harro hark, ordea, guztiz sinistuta baitzegoen Iparretik eta Hegotik, Sortaldetik eta Sartaldetik iristeko ziren abere haien guztien gauzak, ez zuen sinistu nahi begien aurrean ikusten zuena. – Ganadua? Ganadua? Zer ganadu? —galdegiten zuen bere inguruan hogei idi haiek baino harago begiratuaz, haiek ezer ez balira bezala. Hemen ezer ez dago! Itzainak erregerengana itzuli eta alabak esana kontatu zioten. – Ongi dago errege ahaltsu baten alaba bere balioaren jakitun izatea —esan zuen erregeak, ezpainak estutuz. Eta bere alabari beste berrogei idi eramateko agindu zien itzainei. Hartan ere ez zion aski iritzi printzesa harroak. – Hori ez da ezer —esan zien irriz. Bigarren hartan erregea arras haserretu zen, baina ez zuen lotsaturik zegoela azaldu nahi, eta ehun idi eramateko alabari, agindu zuen. Hura ere ez zuen aski printzesak. Bere bizitza guztian uste izana zuen nagusitzarora iristean zeruaren muga batetik bestera trumoiez beteko zuten ganadutzak ekarriko zizkiotela, eta orain ezin zuen sinistu ere ganadu taldetxo haiek eman behar zizkiotenik. – Esaiozue aitari —agindu zien itzainei— eguzki handi gorri-gorria distiraz dagoela zeruan, eta ganaduen oinek jasotako hautsak hura ezkutatzen ez duen arte, ez naizela itzuliko etxera. Erregea amorruak hartuta zegoen alabaren hitzak entzunda, baina ez zuen lotsagarri geratu nahi alabari haren ustez zor zitzaiona ezin emanez. Bere gudariak bildu eta bere erresumako herri guztietara bidali zituen. Kraal guztiei zerga bana jarri zien, iditan ordaintzeko. Milaka idi bidali zizkioten printzesa harro hari. Printzesak zerurantz begiratu zuen. – Nire begiek oraindik ikusten dute eguzki gorri distiratsua —esan zuen. Erregeak gudaroste handiagoa bildu zuen oraindik. Inguruko erresumei erasotzera bidali zuen. Erresuma haiek, beldurrak harturik, opari handiak igorri zizkioten, ganadutan, errege handi hark beren etxaldeak birrindu ez zitzan. Printzesak ez zuen aski harekin ere. Azkenean gudariek ordura arte inoiz inor ibili gabeko haran bat topatu zuen. Beren lurretan baino gizenago eta ederrago zegoen larrea, eta hoberena, ganadu bizkar-berdin gizen-gizenez betea zegoen. – Ganadu hau guztia gure erregeri eramango diogu —esana zuten irribarrez gudariek—. Horrenbeste ganadurekin behintzat printzesa harro horrek aski izango du. Haranaren beste alderaino joan eta oihuz eta hotsez ganadua *beitatokira gidatzen hasi ziren. Horretan ari zirela, ordea, ahots bat entzun zuten mendi aldetik, esanez: – Zer dela-eta uste duzu nire ganadua eramateko eskubidea duzuela? Zuhaiztxoen artean munstro handi iletsu bat ikusi zuten, Abereen Jauna, betabereen izpiritu ahaltsua, haran hartako abereak bere abere talde bikaina ziren. Gudari zuluak ez ziren horrenbestez beldurtu, eta mendiko izpirituari begira jarri zituzten beren lantzak. – Lantza hauek ematen digute guri nahi duguna egiteko eskubidea —erantzun zioten—. Zer duzu horri erantzuteko? Abereen Jaunak ez zuen erantzun. Joaten utzi eta isilik geratu zen. Gudariek belazeetatik zehar eraman zuten abere taldea. Haien oinek jasotzen zuten hautsak hodei bat eratu zuen, eguzkia estaltzeraino. Printzesa harroak azkenean irribarre egin eta oparia askietsi zuen. Erregea pozik geratu zen, zer lotsaturik izango ez zuelako. Abereak hil zituzten eta festa handi bat prestatu zuten. Gauza bakarra falta zen: gudariek ez zioten ezer esan erregeri Abereen Jaunarekin izandako topaketaz, eta ez zeuden lasai. Ez zioten ezer kontatu nahi atsegina kenduko zionik eta ospakizunak hondatuko zituenik. Oturuntza handi haren ondoren printzesa harroa bere amaren eta ahizparen etxolara erretiratu zen. Egun batzuetan ezer txarrik ez zen gertatu. Ahizpa biak eguerdiko eguzkitatik babesteko etxolan zeuden batean, ordea, trumoi ikaragarri batek astindu zituen belazeak. Munstro iletsua, Abereen Jauna zegoen kraaleko atean. Itxitura puskatu zuen, eta halako zaratak zerk egiten zituen jakiteko aterata neskak bere oinetara etorri zirelarik, bi hosto sartu ziren hegan haien etxolan. – Zoaz eta ekar ezazu ur pixka bat iturritik —esan zioten neska gazteenari, baina printzesa harroari ez zioten ezer esan. Ahizpa gazteena iturrira joan eta ontzi bat urez bete zuen; baina itzuli eta abiatzera zihoanean, ezin zuen oinik mugitu, oinak magiaz lurrean erroturik balitu bezala. Printzesa harroa bakar bakarrik zegoen. – Zoaz ondoko etxolara eta bete ezazu ontzi bat urez —esan zioten hostoek. Printzesak barrez erantzun zien: – Zoazte eta bete zeuek, nahi baduzue. Hostoek berriro eman zioten agindua, eta zerbaitek bultzatu zuen printzesa bigarren hartan esana betetzera. Printzesa ura ekarriz itzuli zenean, sua piztu, bihia eho eta ogia egiteko agindu zioten. Printzesa haserre bizi-bizian zegoen, etxeko lan horiek bere bizitza guztian inoiz egin gabea zenez. – Nire eskuek ez dute lanerako ohiturarik —egin zuen protesta—. Begira, azkazalak luzeak ditut. Ezin dut bihirik eho. Hostoek azkazal luze haiek moztu zizkioten eta lanera behartu zuten. Ogia prestatu zuenean, hura hartu eta kui bete esnerekin atera eramateko agindu zioten, hantxe baitzegoen zain munstro ikaragarria. Printzesa beldurtuegi zegoen obeditu besterik egiteko. Printzesa herrian zehar zihoala, hostoak atzetik joan zitzaizkion, inguruko etxoletatik ahal zuten janari guztia lapurtuz. Kraaleko atean munstroari eman zioten zeramaten guztia, ea ahamen batean irentsi zuen hark. Printzesari begiratu eta esan zion: – Jantzi zaitez daukazun jantzirik ederrenaz. Hartu oherako jantziak ere. Jantzi zure idunekoak eta beso-idunekoak ere, eta ez ahaztu zure kutunak ere. Kondenaturik balego bezala bete zituen denak printzesak. Jantzi ondoren munstroaren aurrera itzuli zen berriro. – Igo nire gainera —agindu zion. Eta biraturik, alde egin zuen. Denbora horretan guztian ahizpa gazteena iturri ondoan egona zen, mugitu ezinik; bere baitan ordea bazekien zer ari zen gertatzen. Munstroa bistatik galdu zenean ahizpa haren oinak lurretik askatu ziren. Laster-laster ama lanean zegoen tokira joan zen, soroetara. Ama bere etxola hutsera itzuli zen, eta herria sakailatuta zegoela ikusirik, laborariei esan zien, eta haiek gudariei. Gudari talde bat elkartu zen, eta beren armak harturik munstroaren arrastoari jarraitu zioten, harrapatu zuten arte. – Itzul iezaguzu printzesa —agindu zioten gudariek. Abereen Jaunak barre egin zien. – Ea nola gelditzen nauzuen? —erantzun zien—. Eta besterik ezin baduzue, itzul zaitezte zeuen etxera. Hantxe geratu zen, gudariek beren lantzak jaurti zain. Lantza haiek ez zioten bere azal lodia zulatzen. Eta barreari utzi gabe, munstroa biratu, eta bere ezkutuko haranerantz urrutiratu zen, bidean harrapatzen zituen zuhaixka guztiak errotik atereaz. Gudari ausartenek atzetik jarraitu zioten, baina berehala ohartu ziren alferrik ari zirela denbora galtzen eta, nekeak leherturik, joandako bidetik itzuli ziren. Printzesa harroa bakar-bakarrik geratu zen, Abereen Jaunaren bizkarretik jaitsi ezinik. Eta halaxe joan ziren larre oparoko haran ezkuturaino; mendi malkarren gainean bazen leize huts, ezer gabe bat. Leizean bazen buruko bat, ogia eta ura. – Hementxe bizi behar duzu urtebete eta egun batez —esan zion munstroak printzesari—. Jana nork prestatu ez duzu izango, nork lekua garbitu ere ez. Harro ez izaten ikasiko duzu. Zure aitak irain egin dit nire abereak lapurtuz; zuk, ordainez, apal izaten ikasi beharko duzu. Urtebete eta egun batez bizimodu gogorra eta latza izan zuen printzesak. Debora hori igarota bere etxera itzultzen utzi zion munstroak. Hura poza herriko bizimoduaren erosotasunak berriro ezagutu zituenean. Handik aurrera ematen zioten guztiagatik eskerrak itzultzen zituen, eta gehiago ez zuen eskatu eguzkia ezkutatzeko adina abererik. Salbatzailea salbatu Urteko sasoirik lehorrenean, animaliak eta gizonak geratzen diren ur putzu apurren inguruan ur bila biltzen direnean gertatu zen. Sasoi horretan, beraz, eta ur putzu berean, egun berean, sagua, tximua, sugea eta gizon bat jausi ziren, ura ateratzeko ezer aurkitu ez zutelarik barrura salto egin zutelako. Ilunabarrean beste gizon bat inguratu zen ur putzu hartara, eta animaliak asko estimatzen zituenez, haga luze bat bota zien, eta irteten lagundu. Piztiek aholkua eman zioten salbatzaileari beste gizona ez zezala handik atera, gizonak horrelakoetan oso esker txarrekoak izan ohi direla-eta. Hark, ordea, ez zien sinistu, eta gizona putzutik kanpora atera zuen. Mesede hura itzuliko ziotela agindu zioten denek beren salbatzaileari. Eta horrelaxe gertatu zen gertatu ere. Putzutik salbatu zituen gizon hura tximuak salbatu egin zuen basoan galdurik zebilela edateko urik ez zuen batean. Beste batean etxera itzultzen ari zela, berriro galdu, eta saguak lagundu zion, gorde ohi zituen hornizioetatik janaria emanez. Janariarekin batera aspalditik bildurik zuen urre pixar bat ere eman zion. Ondoren hurbileneko herriraino bidea egin zion, eta hantxe ustekabean ur putzutik atera zuen beste gizonarekin egin zuen topo. Ostatua eta mahia jarri zizkion, baina aldean zeraman urreak jakin-mina eta irritsa piztu zizkion etxe-nagusiari. Herriko buruzagiarengana joan eta hainbeste gauza esan eta egin zituen non buruzagiak iritsi berriari deitu eta urre hura nondik zetorkion argitzeko agindu baitzion. Hark esaten ziona entzunik, herriko buruzagiak, etxe-nagusi urre zaleak beharturik ez zion sinistu historia hura. Gizona preso hartu eta herriz kanpoko zuhaitz bati lotzeko agindu zuen, harik eta auzia jendaurrean egiten zen arte. Presoa etsi-etsita zegoen hartan bukatu behar zitzaizkiola mundu honetan emateko zeuzkan egunak, baina behinola salbatu zuen sugea handik igarotzea eman zion suerteak, eta era hartan loturik zertan zegoen galdetu zion. Gizonaren argibideak entzunik, sugeak erantzun zion: – Modu bat bakarra dago zu salbatzeko. Buruzagiaren semeari hozka egingo diot, eta inola ere ez du erremediorik izango hura salbatzeko. Esan ezazu orduan zuk badakizula hura salbatzen. Neuk emango dizut horretarako erremedioa, egur ikatzarekin nahasi eta zaurian jar diezaiozun. Baina esan ezazu erremedio horrek balio ahal izateko Munafika (gizon sesioti, bekaizti eta salataria) baten buruko muinak behar dituzula. Ongi iritzi zion gizonak, eta erabaki bezala gertatu ziren guztiak. Sugeak buruzagiaren semeari hozka egin zion. Aurkitu zuten eta segituan hil zuten sugea, baina alferrik izan ziren inguruetako aztiek mutilari eman zizkioten erremedio guztiak. Preso zegoen gizonak hartu zuen hitza orduan; buruzagiak beste aukerarik ez baitzuen, onartu egin zuen haren proposamena. Munafikaren buruko muinak eskatu zituenean, zalantza handiak izan zituen buruzagiak, baina urrezaleari deitu, eta bertan hil arazi zuen, haren muinak erremedioa prestatzen erabili ahal izateko. Erremedioa jarri ziotenean, berehalaxe sendatu zen buruzagiaren semea, eta beste haurrekin batera jolasera joan ahal izan zuen. Herriko buruzagiak preso ohiari bere aholkulari bihurtzeko eta bere alabetan ederrenarekin ezkontzeko eskatu zion. Gizonak, izan ere, bere egintzek merezi diotena izaten baitu azkenean. Sagua eta katua Behin batean katu batek sagua ikusi zuen etxean zebilela, eta atzetik hasi zitzaion harrapatu nahian. Sagua ez baitzegoen bere burutik sano-sano, ihes egin ordez, etxeko nagusiarengana joan zen, lotan zegoen lekura. Zakurrak nahi izan zituen haserreturik zeuden biak sosegatu baina ez zuen lortu: bati heltzen zion bitartean besteak jo egiten zuen, eta hurrengoan alderantziaz. Orduan basetxean bizi ziren gainerako guztiei laguntza eskatzea deliberatu zuen. Oilarrarengana joan zen, eta hark erantzun zion: – Ni sartzen naizen bakoitzeko bota egiten naute; konpon daitezela, bada, beren artean. Zaldiarengana jo zuen. Hark esan zion: – Ni hemen egoten naiz beti, eta ez naiz ni etxean bi ero horiek apartatzeko sartuko naizena. Ahuntz batengana joan zen, baina hark esan zion: – Nik nahikoa dut nire zokoan, eta ez daukat batere asmorik hemendik kanpora gertatzen diren gauzetan nahasteko. Zakurra kortatik kanpora irten eta idi batengana jo zuen; hark ordea erantzun zion: – Ni ez naiz inoiz sartzen kortan; ez dakit, bada, zertan sartu beharko nukeen etxe batean. Zakurra, beraz, etsimenez beterik berriro etxera sartu eta ikusi zuen gauzaren batzuk eroriak zirela borrokan; haietako bat oso astuna zen, eta etxeko nagusia hil egin zuela azpian harrapatuta. Biharamun goizean haren hiletak antolatu zituzten; horretarako herriko buruzagiarengana joan ziren, lehendabiziko gauza. Harengana, ordea, ezin daiteke esku hutsik azaldu, eta horregatik oilarra hartu eta hura eskaini zioten opari. Zakurrari tristura handia sartu zitzaion barrenera, oilarra buruz behera ikusirik, eta hark esan zion: – Katuaren eta saguaren historiagatik gertatzen zait hau. – Lagundu izan bazenit, ez zatekeen horrelakorik gertatu izango —erantzun zion zakurrak. Ondoren herritik urruti bizi zen jendeari ere abisua bidali behar izan zitzaion; horretarako zaldia mutil gazte bati utzi zioten, eta ia hiltzen du zigorka. Ohiturak agintzen du etxeko nagusia hiltzen denean ahuntza hil behar dela, eta oraingo honetan lehen esandako ahuntz horri eman zion suerteak ordaina. Ohitura zaharrek agintzen dutenez, era berean, etxeko nagusia hiltzen denean, handik luzera gabe hiletak ospatu behar dira, eta idiak ordaindu behar izan zituen haren ordainak. Norbaitek dauzkan medioez baliaturik inoren arazoa konpondu ahal baleza, eta egingo ez balu, luzera bada ere, kontra itzuliko zaio berekoikeria hura. Sadko musikaria Errusiako ipuina. Volkhov ibaiaren ertzean, dakarren ura Ilmen aintzirara isurtzen duen bokalean, zegoen Novgorod Handiaren printzerria, hain handia eta zabala non gau eta egun ibili beharra baitzegoen herri txikiak eta etxadiak besterik ez zirenak, basoak, istingadiak, mendiak eta haranak igaroz, hirira, hiri guztietan aberatsen eta nagusien zenera, iristeko. Harro egon zitekeen Novgorod bere mutil ausartez, bere seme bulartsuez, eta bere egoera ezin hobea zor zien merkatari aberatsez. Bai, merkatari aberats eskuzabal eta emaitza oparoen egileak bizi ziren Novgoroden. Gonbidatu pila bat bildu ohi zuten egunero beren mahai ingurura. Hantxe jaten zuten guztiek, jan, edan, eta bufoien barregarrikeriak ikusiz edo gusliaren akorde finak entzunez gustuko gozamena hartu. Sadko zen musikalari guztietan estimatuena eta gehien deitzen ziotena; jai eta festa guztietan izaten zuen parte, bankete guztietara azaltzen zen, eta denetan ematen zioten kopa bat ardo, atseginez betetzen zuena. Baina egunak joan egunak etorri, gertatu zen ahaztu ezin zutela Sadko, eta orduan iritsi zitzaizkion egun tristeak. Aste osoa igaro zuen inorako gonbitarik jaso gabe, eta mutila geldik zegoen, besoak aurrean gurutzaturik eskuak galtzarbetan sartuta, ohorezko banketetan musika jotzera deitzen ez zutelako. Arima eta gogoa kontsolamendu irrika eta antsiaz, guslia hartu eta Ilmen aintzira ertzerako bidean abiatu zen. Haitz latz baten gainera igo, gailurrean eseri eta barrenak ematen zizkion melodiarik sarkorrenak atera zizkion musika-tresnari. Aintzira sosegu handian zegoen, ispilua bezain leun. Baina ez al zen entzun musika erdiragarri hura, ekaitza sortu zen uretan eta orroka hasi ziren olatuak ertzean leher eztanda egiten zutenean. Musikaria beldurrez zurbildu zen. – Zergatik haserretuko ote zen modu horretan ura —galdetu zuen bere golkorako Sadkok—. Zerua ezin eta bareago baitago. Haizearen bafadarik ez da sentitzen, ezta hasperen emeena ere. Guslia isildu eta Novgorodera itzuli zen. Bi, hiru, lau egun egon zen zain, baina inbitaziorik ez… Orduan deskontsolamen ikaragarri batek urratu zion barrena Sadkori, eta Ilmen aintzira ertzera itzuli zen berriro. Gusliaren doinuak aurreko aldian baino zoragarriago eta tristeago entzun ziren oraindik… Aintziraren hondo-hondotik zarata sor bat entzun zen, eta ur haserrea irakiten hasi zen… Guztiz ikaraturik, etxerako bidea hartu zuen berriro Sadkok. Egun bat, bi, hiru, egin zituen berriro banketeetan jotzera noiz deituko zuten zain, baina inori gogoratu ez Sadkorik. Orduan berriro hurbildu zen aintzira misteriozko haren ertzera. Haitz gainean eseri eta guslia jotzen hasi zen orduko, olatuak zabaldu eta uretako Erregea irten zen, esanez: – Sadko, atsegina iruditu zait guztiz zure musika, hainbesterainoko kontuz jotzen duzu, izan ere, hain modu sarkor, kexuzko, barreneraino iristen denean… Zer emango ote nizuke nik horren ordainetan… Zoaz berriro etxera, eta merkatari aberatsek beren etxeetan musika jotzera deitzen dizutenean, esaiezu Ilmen lakuan badirela arrainak hegalak urrezkoak dituztenak. Egiezu apustu zeure buru sutsu, diru-gosez baino musikaz beteago hori, eta eska iezaiezu beraiek ere jar ditzatela postura horretarako hiru zapi-denda. Tratu hori egin ondoren, ehun ezazu zetazko sare bat, etorri berriro aintzira honetara eta urrezko hegalak dituzten arrainak emango dizkizut. Uretako Erregea aintzira hondoan ezkutatu zen, eta Sadko Novgorodera itzuli zen berriro. Etxe atetik barrura sartzeko ere gabe, aurki ospatzekoa zen ohorezko bankete handi batean guslia jotzera deitu zuten. Inoiz ere baino hobeto jo zuen Sadkok egun hartan, eta berriro zetorkion lana ospatzeko kopa bat ardo, eta lupulu-aihenezko zerbeza urre kolorekoa eskaini zizkioten… Horrekin, berriketan eta gonbidatu guztien aurrean fanfarroikerian hasi zen musikaria. – Entzun iezadazue, mesedez, gonbidatu ospetsuok, Novgorod handiko merkatariok; nik badakit Ilmen aintziran munduko gauzarik miresgarriena aurkitzen dela, neurri guztien gainetik estimagarria dena: horko uretan urrezko hegalak dituzten arrainak dabiltza, nork harrapatuko dituen zain. Eztabaida, hitz horiek mahaitiarren artean sortu zuena: – Sadko, baina! Zertan ari zara fanfarroikerian? —ematen zioten erriertan—. Alferrik nahi gaituzu engainatu; Ilmen lakuak ez du inoiz izan arrainik urrezko hegaldunik, ezta izango ere. Sadkok, hitz horiekin, aurrera jauzi egin eta esan zien: – Egin nahi al duzue apustu? Hona nire aldetik neure lepoa, daukadan bakarra; jar itzazue hiru zapi-denda, mihiseak, damaskoa, oihala eta zetazko belusa saltzen diren horietakoak. Hiru merkatari azaldu ziren postura hartu nahi ziotela, eta bakoitzak bana ez ezik hiruna denda jarri zituen apustuan. Sadko, zetazko sareak harturik, aintzira ertzerantz abiatu zen. Bota zuen sarea, eta urrezko hegalak zituen arrain bat atera zuen; bigarren aldiz bota, eta bigarrena atera zuen; bota zuen hirugarren aldiz, eta hiruko kopurua osatuko ziona atera zuen hartan. Merkatariek apustua galdua zuten, eta agindutako zapi-dendak Sadkori eman zizkioten. Eta Sadko bederatzi zapi- eta oihal-dendaren jabe izatera iritsi zen, zeta, mihise, belus eta oihal finenak saltzen zituen merkatari bihurturik. Negozioak oso ongi joan zitzaizkion. Eta, luzera gabe, inoiz usteko ez zuen eta are gutxiago ikusi zuen zoriontasunean bizi zen. Hainbesterainoko errentak lortu zituen, ezen handik gutxira izugarrizko aberastasunen jabe baitzen. Palazio bat egiteko agindu zuen, harrizkoa zimenduetatik goraino, teilatua zeruko sabaiaren irudira jarri behar ziotena, zeruan eguzkia zuela; eta hala Sadkok etxetik irten gabe zeukan eguzkiaren gozamena; ilargia ere zeruan zebilen, eta Sadkok bere etxean sartu zuen hura ere; zeruan izarren distira ikusten zen, eta haiekin bere etxea apaindu zuen Sadkok. Aberastu eta aberastu ari zen, eta aberastu ahala harrokeriaz puzten. Bankete handi bat prestatu zuen, eta milaka boiardo eta hiritar gonbidatu zuen hartara. Gonbidatuak zein baino zein harroago zebiltzan, nor bere zaldi sendoaz, nor bere gaztetasun alaitsuaz; honakoak beren ezin konta halako altxorrez, harakoak beren leinuaren ohoreaz… Isilik zegoen bakarra Sadko, haien elemeleak entzunez. – Zer bada, Sadko? Zuk ez duzu zeren harro egonik ala? —galdetu zioten gonbidatuek. – Zergatik harrotu nik bezain ongi beste guztiek ere badakitenaz? Jantzi piloa dut inoiz erabiliko ez dudana, morroi eta zerbitzariak nahi ahala, altxorrak kontatu ezin izateko moduan, eta aurki hiriko denda guztien jabe izango nauzue. Biltegi guztietako merkagai guztiak erosiko ditut, eta niri itzal egingo lidaketen guztiak lur jota xehaturik geratuko dira. Sadkok, ondoren, postura egin zuen baietz Novgorodeko denda guztiak erosi, eta hogeita hamar mila errublo utzi zituen bahituran. Biharamun goizean, oso goiztiar ibili zen Sadko. Bere zerbitzari guztiak esnatu, eta sekulako dirutzak banatu zizkien, hiriko denda guztiak eros ziezazkioten. Sadkok orpoz orpo jarraitu zien beren egitekoa ongi burutzen zuten frogatu eta merkatarien hondamendia ikusteko pozez. Hurrengo egunean ere berriro bidali zuen bere morroiteria hiriko denda guztiak eraitsi zitzaten; baina a zer harridura handia noiz eta ikusi zuenean bezperan hutsik utzitako biltegiak merkagaiz mukuru eginda zeudela berriro, magiaz eta aztikeriaz bezala. Hirugarren egunean, berriro gauza berbera gertatzen zela ikusirik, amorruz eta aiherkundez, Novgorod bera baino ahaltsuagoa zela iruditu zitzaion, eta erabakia hartu zuen Moskuko merkagai guztiak erosi eta urrutira eramango zuela bere negozioa, beldur baitzen apustuko hogeita hamar mila errubloak galdu behar zituela. Harrezkero ez zion berriro itzal egin nahi izan Novgorod nagusiari. Bere altxorreko diruarekin hogeita hamar itsasontzi egin zituen, kanpotik animalia baten itxura zutenak, branka muturrean berriz arrano burua, begien tokian bi errubi distiratsu. Ontziak Novgoroden erosirik zituen merkagai guztiez bete zituen, eta Volkhov ibaian, Ladoga aintziran eta Nevan hasi zen merkataritzan; ondoren Urrezko Hordara hurbildurik, geratzen zitzaion merkagai guztia saldu zuen errenta handiak atereaz. Tartaroen erresumatik urrerik gorrien eta zilarrik finenezko upelkada osoekin itzuli zen. Hainbesteko altxorren kargarekin ia urpera joango zirenean zetozen ontziak ur zabal urdinean zehar, baina horra non haserretzen den itsasoa eta ekaitz beldurgarria altxatzen den. Haize bafada zakarrek oihalak astindu eta alde guztietara barreiatu eta sakabanatu zituen ontziak. Olatuek bits zuria zeriela jasotzen zituzten beren bizkar malkarrak; ontzi taldea ia galduan zebilen, hondorako modu gaiztoan. Sadkok, brankan zutiturik izuz eta larriduraz begiratzen zion ekaitzaren mehatxuari. Horretan, bere bide-lagunei hitz egin zien, esanez: – Entzun ezazue esan behar dizuedana, nire lagun ausartak. Bana gaitezen itsaso urdinaren bide guztietan zehar, ea horrela baretzen dugun Uretako Erregearen haserrea; eman diezaiogun bere ohorerako dakartzagun altxor hauetako puska bat, bota dezagun uretara daramagun zilar finenezko upelkada bat, ea Errege izugarri hori errukitzen zaigun. Hartu, bada, segituan zilarrez beteta zekarten upel bat eta uretara bota zuten, eta bertan ezkutatu zen itsas hondoan. Baina ekaitza ez zen baretu, lehoiaren gisan egiten zuen orroka. Urrez betetako upel bat botatzea erabaki zuen orduan Sadkok… Opariaren handiagatik ere Uretako Erregea ez zen baretu, ordea. – Gizon baten oparia nahi du uretako Erregek —esan zien Sadkok bere lagunei—. Egin dezagun zotzetara nork izan behar duen bahitua. Marinel bakoitzaren izena ezpal banatan idatzi, eta itsasora botako zuten; hondora zein joaten zen, huraxe izango zen Uretako Erregeak eskatzen zien biktima. ; Sadkoren izena idatzita zegoen ezpala irentsi zuen zurrunbilo batek, eta gainerako guztiak ur gainean geratu ziren. Sadkok berriro egin nahi izan zuen zozketa, zorteak huts egin ziola uste baitzuen. Bigarrenean, ur gainean zein geratzen zen, huraxe izango zela bahitua erabaki zuten. Oraingoan ere Sadko izendatu zuen patuak. – Agur, anaia nireak; agur nire adiskide onak. Zuek agurtzeko ordua iritsi zait, baina distirazko argi hau beti-betirako utzi aurretik, testamentua idatzi nahi dut, donariak egin nahi dizkizuet. Ekarzue antzar luma, nire azken nahia idatz diezazuedan. Uretako Erregeak bere ondora deitzen bainau. Sadkok, bada, era honetara banatu zituen bere ondasunak: zati bat elizetarako; bestea eskean aritzen ziren erlijiosoentzat; hirugarrena alargun utzi behar zuen emazte gaztearentzat; eta laugarrena bere lagunentzat. – Eta orain, adiskide nireak, ekarzue nire guslia. Azkeneko atseginaldia eman nahi dizuet, nire alaitasun eta penatan beti lagun izan dudan musika-tresna zoragarri hau ez baitut gehiago joko. Guslia ekarri zioten, eta inoiz baino doinu leun eta armoniaz beteagoak erne zitzaizkion, bere jaunaren zorigaitzagatik damu eta samin balu bezala. – Zergatik ez eraman neure aldean, elkarrengandik banatu gabe, Uretako Erregearen Erresumara ere? —esan zuen zoritxarrekoak—. Eraman egingo dut, adiskideak… Emadazue haritzezko ohol sendo bat, itsasoaren ur urdinetaraino irrista nadin… Nire guslia aldean dudala, heriotza ez da horren beldurgarria izango. Ez al zen Sadko uretan barrena sartu, ekaitza baretu egin zen, eta ontziak lur lehorreraino joan ziren, aztoreak zeruko sabaian itsasoko olatuen hain gainetik, hegada bizkorrean ibili ohi diren modu berean. Haritz oholaren gainean, berriz, Sadko itotzen ari zen izuaren izuz, zain zeukan barren hondogabea ikusi hutsarekin. Ikaraturik, begiak itxi, eta lozorro ilunean geratu zen kolpetik. Egunsentian Sadko esnatu, begiak igurtzi, eta begiratu bat egin zuen ingurura; ezin zuen sinetsi ere egin ikusten zuena ikusten zuenik. Amesgaizto batetik esnatu zela iruditzen zitzaion: itsas hondoan zegoen, eta bere buru gainetik gora, olatuen irudi mugikorrezko sabaia ageri zen. Esmeraldazko kupula hura ozta-ozta argiturik zegoen goizalbako distira urrunez. Begien aurrean marmol zurizko palazio garai bat zeukan, ateak erdi zabalik. Kontu handiz atetik barrura begiratu eta Uretako Erregea ikusi zuen, bere buru erraldoia ile-adats luzearekin, eta aurpegia bizartsu. Era eta modu guztietako suge, arrain eta animalia beldurgarriz inguraturik zegoen. – Egunon, Sadko, aspalditik zabiltza zure merkagaiekin itsasoan hara eta hona, baina inoiz ez didazu zergarik ordaindu. Baduzu garaia zure betebeharrak betetzeko… Badakit modu zoragarrian jotzen duzula guslia; tinka itzazu musika-tresna horren sokak, kanta iezaguzu doinuren bat, adi naukazu. Sadko musika jotzen hasi zen. Lehenengo akordeetatik beraietatik, hainbesteraino hasi zitzaion Uretako Erregeari bihotza handitzen, puzten eta tupoka jotzen, non ezin eutsi eta dantza-jauzi bati ekin baitzion. Dantza horrekin itsasoko ura ikara batean jarri zen, olatuak irakiten hasi ziren berriro, eta ekaitz ikaragarri bat lehertu zen eztanda batean: munduan inork gogoratzen ez duen halako ekaitza izan zen hura. Sadko hiru egunez aritu zen jo eta jo, eta Uretako Erregeak ere bizilekuan dantzan egin zituen hirurak, nekeak errenditu gabe, bere gainean olatuak bitsetan zirela ontziak lehertu eta hondora joaten ziren bitartean. Bizirik ziren marinelak San Nikolas Mokhaiskiri otoika ari ziren. Baziren hiru egun Sadkok Uretako Erregea bere gusliaren akorde arinekin liluraturik zeukala, eta hona non sentitzen duen esku bat jartzen diotela bizkarrean. Harriturik, jiratu eta ile zurizko agure bat ikusi zuen. – Sadko —esan zion—, ez ezazu jo gehiago guslia… Begira zenbat hil diren uretako Erregearen dantzak suntsiturik! Sadkok itsas hondoan galdutako ontzi guztiak ikusi zituenean, ez zuen gehiago jo bere musika-tresna. – Pozten nauzu, gehiago ez jotzeko agindu didazulako. Ez nintzen neurez ari, Uretako Erregearen aginduz baizik. Badakizu ondo hemen ez naizela nire egitekoen nagusi. – Eten itzazu gusli horren sokak, eta Erregeak jotzeko agintzen badizu, erantzun iezaiozu guslia hondatuta daukazula. Orduan munduko neskarik ederrenetako batekin ezkondu nahiko zaitu. Aukeratzeko zeuk, adinduko dizu; aukera ezazu itsusiena, beltzena, eta ondoren itzul zaitez berriro Novgorod Handira. Agureak aholkuan esan zion guztia bete zuen Sadkok: gusliaren sokak eten zituen. Uretako Errege esnatu zenean, musikariari joan zitzaion: – Jo ezazu nire gozamenerako, alaitu iezadazu nire zahartzaroa zure doinu sentimenduzkoekin. – Joko nizuke, pozik jo ere, baina gusliaren sokak eten ezin zaizkit, tamalez, eta zure erreinuan ez duzu nork konpondu. Hori entzunik Uretako Erregea sosegatu egin zen. – Oso gustura nago zurekin, eta frogatu nahi dizut. Ezkondu nahi al duzu emakume guztizko eder batekin? —galdetu zion preso zuen musikariari. – Ondotxo dakizu ez nagoela hemen neuk hala nahita. Nahi baduzu ezkon nintzakezu. – Bihar goizean, esnatzen zarenean, emaztegaia hautatuko duzu… Neskarik ederrenak ekarriko dizkizut aurrera, hauta ezazu zeuk nahi duzuna, atseginen iruditzen zaizuna. Biharamun goizean goiz esnatu zen Sadko. Neska gazte pilo bat ekarri zioten aurrera, zein baino zein ederragoa. Hirurehuni joaten utzi zien Sadkok, gero beste hirurehuni, eta orduan azkenekoa hautatu zuen, izenez Txernavuxka1, esanez: – Hauxe izango da nire andregaia. Orduan bankete bat antolatu zioten, luze aritu ziren kantuan eta olgetan… Biharamun goizean esnatu zenean, Txernaia2 ibaiaren ondoan aurkitzen zen Sadko, Novgorodetik harrikada batera ere ez dagoena. Sadko brinko batean jaiki eta korrika joan zen Volkhov ertzera, eta hantxe ikusi zituen iristen bere hogeita hamar ontziak. Sadkoren emaztea negar zotinez eta doluz ateratzen zitzaien bidera, ontzien aurretik iritsia baitzen berria. – Nolatan, baina, ez dator berriro nire Sadko gaixoa itsaso urdinaren urrutiko ertzetatik. Aztikeriaz bezala, ordea, denen artean azaldu zen Sadko, eta emaztea besarkatu zuen. Lagunak harri eta zur geratu ziren ustekabeko mirari harekin. – Nola, baina? Ez al zintugun, bada, itsasora bota? Nola azaldu zara berriro gure artean Novgoroden? Orduan Sadkoren palazio aldera abiatu ziren guztiak, haren zori oneko etorrera merezi zuen bezala ospatzera. – O, nire itxaropena, poz nirea —esaten zion emazteak hunkidurak eragiten dituen zotinen artean—, nire eustarria eta sostengua. Ez zaitez gehiago joan itsaso gaiztoan barrena. Gera zaitez zure emaztearen eta haurren artean. Eskerrak Jainkoari ekarri zaituelako. Sadkok, pozaren pozez, isil-isilik entzuten zituen bere emaztearen esanak. Hogeita hamar ontzietan zekartzan ondasun guztiak lehorrera jaisteko agindu zuen, eta eliza bat jaso zion San Nikolas Mokhaiskiri. Eta handik aurrera Sadko modu pobrean eta Novgorodeko biztanleengandik urrundurik bizi izan zen. Ergela Gineako ipuina. Afrika. Urteak eta urteak joan dira harrezkero; garai hartan bazen gizon bat alaba bat oso baina oso ederra zuena, guztiz ederra. Horregatik, zahar eta gazte, beti zuen bisitaria bere etxolan. Urrutitik joaten zitzaizkion, bere edertasunaren sonak erakarrita. Ezkontzeko eske joaten zitzaizkion. Mabale, haren aitak, ordea, harro eta handinahia baitzen, froga bat jartzen zien, onik ateratzen batere erraza ez zena, alabaren eske zetozkionei: “Saski bete ur ekarri beharko dit, nire alabarekin ezkondu nahi duenak”. Eta halaxe gertatu zen, froga zentzugabe horren berri jakin zuela luze bizitako gizon batek, luze bizi, bide luzea egina, eta abilezian ere luze zenak. Mabaleren herrirako bideari lotu zitzaion, bada, haren alaba emaztetarako eskatzeko asmoz. Eta baldintza berbera jarri zitzaion hari ere. Iritsi berria, ordea, ez zen harritu horrenbestez, ez atzera egin ere bere asmoetan. Herrian zuten saskirik handiena ekartzeko eskatu zuen, eta baita soka lodi bat ere heldulekuetatik lotzeko. Haren animuak ikusirik, herritar guztiak azaldu ziren, eta “ergela” deitzen zuten. Nork bete dezake, izan ere, saski bat urez? “Ergela”, ordea, ibaira joan zen, eta hantxe sartu zuen saski handi hura, ongi lotuta. Ertzean zeudenei heldulekuetatik lotuta zituen sokatatik tira egiteko eskatu zien. Ezin zuten saskia atera, eta sokak etetear ziren. Orduan esan zien “Ergelak”: – Zoazte eta esaiozue Mabaleri saskia beteta dagoela, baina soka horiek ezin dutela karga atera eta eten egiten direla. Saskia bere etxera eramatea nahi badu, pipa erretzen ari denean pipatik ateratzen zaizkion ke harietako batzuk bidaltzeko. Mabalek pipa piztu eta erretzen hasi zen, baina pipari tira egiten zion bakoitzeko, handik ateratzen ziren ke hariak ezin ziren bildu. Hala “Ergelari” mandatariak bidali zizkion esanez agindutako hura ezin zela egin. Ezinezkoa zela egitekoa. “Ergelak”, erantzun hori entzunik, esan zuen: – Jakin beza, bada, Mabalek, ke hari horiek bidaltzen ez badizkit, nik ezingo diodala eskatzen didan saski bete ur hori ere eraman. Mabalek, beraz, “Ergelaren” erantzuna entzun eta bere jokabideaz lotsaturik, alaba emaztetzat eman zion, trukean besterik eskatu gabe. Garbi geratzen da beraz, ezin zaiola besteri eskatu, geuk ezin dugunik. Txakala eta lehoia Hausa herriko ipuina. Afrika. Lehoia txakalaren adiskide egin zen behin. Egonaldi luzeak egiten zituzten elkarrekin honetaz eta hartaz hitz egiten. Txakala oso piztia jakintsua zen, izan ere. Bere hankei zor zien, batez ere, jakintza hura. Oihanetako bazter guztiak ezagutzen zituen: den-denetan egona zen. Edozer gertatzen zela, beste inork baino lehen jakiten zuen txakalak. Eta, ez baitzen batere isilik egon zalea, alde guztietan ibiltzen zen nonzerberri hura, entzundakoaren pregoilari. Behin batean lehoiak esan zion: – Entzun, gauza guztiak jakin eta denei erakatsi eta denentzat aholku duzun horrek. Oihanetako jakintsua deitzen dizute. Ez al duzu niretzat hitz egokirik? Ez al duzu niretzat aholkurik? Txakalak erantzun zion: – Lehoi jauna, zu zara oihanetako erregea. Erregeak zer nahi duen, bete egiten da. Erregeak esaten duela “hau nahi dut, bestea nahi dut”, zer egiten dute zerbitzariek? Hark esana. Zer aholku emango dizut nik? Baina adiskide garenez, hauxe esango dizut, garrantzi handikoa baita: Izan ezezagutzen ez duzunaren beldur. Joanak joan. Gertatzekoa da beti ere beldurgarrien. – Esadazu, nori izan behar diot beldur? —galdetu zion lehoiak. – Oihanetako errege —erantzun zion txakalak—, ahal baduzu ez ezazu inoiz topo egin gizonarekin. Lehoiaren begiak goritzeraino sumindu ziren amorruz. – Zer da gizon hori, ni beldurra izan diezaiodan —esan zuen—. Ekar ezazue gizona hona; ikusi nahi dut. – Oihanetako errege —erantzun zion txakalak—, ez ahaztu zer esan dizudan. Izan zaitez zuhurra. Oihanetako erregeak zerbait nahi zuenean ordea, huraxe behar zen egin. Erregeak, bada, bere mendekoak bildu eta esan zien: – Non da hiena, azal nabarra? Hiena aurreratu zen: – Hemen nauzu; zure aitaren esklabo nintzen hau, zure zerbitzari nauzu, oihanetako errege. Lehoiak esan zion: – Gizona ekarri behar didazu. Zure aurrean inor ez da ausartzen hots egitera, zu ikustean izuak denak mututzen baititu. Nondik ezta piztia saldo batek eraso diela iruditzen zaie, eraso egiten diezunean. Hienak esan zion: – Oihanetako errege. Horra nire lepoa. Moztu ezazu, nahi baduzu, baina ez nazazu bidali gizonaren bila. Harekin topo egiten duenak, heriotza topatu du. Eta nik diotsudana, berdin esango dizute oihanetako biztanle guztiek. Lehoiak ez zion erantzun. – Non da tximino ausarta? —galdetu zuen—. Datorrela hona. Tximinoa joan zen. – Hemen naukazu, oihanetako errege. Zer nahi duzu nik egitea? – Gizona deitzen dioten hori ezagutu nahi dut. Ekar iezadazu. Zu ausarta zara; erraz ekarriko didazu. Tximinoak erantzun zion: – Oihanetako errege, nahi duzun guztia egingo dizut, eta nahi duzun guztia egin diezadakezu, baina ez iezadazu agindu gizona ekartzeko; ez dizut ekarriko. Orduan lehoiak esan zuen: – Non da lehoinabarra? Non da lehoinabar bulartsua. Lehoinabarra iritsi zen. – Hemen naukazu —esan zion. – Zatoz nirekin, biok joango gara —agindu zion lehoiak—; zuk erakutsiko didazu non den gizona. Ezagutu nahi dut. – Ederki bada, zurekin joango naiz —onetsi zuen txakalak—; baina zoritxarren bat gertatzen bazaigu, ez bota niri horren errua. Belazera joan ziren; unai bat zebilen bere behiak larratzen. Makila lodi bat zerabilen bizkarretik zintzilik, eta eskuetan hede zabal bat. Unaia behi taldearen aurretik zihoan, eta aldian-aldian hedea klaskatzen zuen, behiak bidetik atera ez zitezen. Txakalak lehoia soilgune batera eramanik, esan zion: – Oihanetako errege, horra gizona. – Nor da? —galdetu zion lehoiak. – Behien aurretik dabilen hori; horixe da gizona. – Hori da hortaz gizona! Eta nik beldur izan behar diot horri? Lehoia bidera atera zen eta unaiari jauzi egin zion. Unaia ez zen beldurtu ordea. Makilari bi eskuez heldu, eta sekulako kolpea eman zion lehoiari bi begien erdi-erdian. Lehoia erdi hilik geratu zen lurrean luze. Unaiak bidean aurrera jarraitu zuen. Txakala lehoiarengana hurreratu zen. Belarrira esan zion: – Oihanetako errege! Ezagutu duzu gizona. Orain badakizu arrazoia nuela. Baina joanak joan. Goazen laster hemendik, gizonak gure bila etorri baino lehen. Gertatzekoa baita beti ere beldurgarriena. Lehoiak hanka bat jaso zuen; gero beste bat, eta gero astiro-astiro bere onera etorri zen. – Txakala, zure jakituriak ez du kaburik —esan zion—. Gizona baino ahaltsuagorik ez da. Goazen laster hemendik. Harrezkero, lehoia gizonez gogoratzen den bakoitzeko orro handi bat egiten du, eta txakala oso kontuz ibiltzen da une horretan lehoiak harrapa ez dezan, zeren ondo baitaki lehoiak ez diola inoiz barkatuko gizonak jo zuenean gisa hartan apaldua eta menderatua ikusi izana. Untonbinderen historia Zulu herriko ipuina. Afrika. Orain dela aspaldi-aspaldi, urrutiko erresuma bateko mugetan bazen aintzira sorgindu bat. Munstro bat bizi zen aintzira haren barrenean, eta gizonik ausartenak ere beldur ziren hara joateko. Untonbinde, erregearen alaba, neska ederra zen, handia eta sendoa, eta beldurrik ezagutzen ez zuena. Entzuna zuen aintzira sorginduko urak harribitxien distira zuela eta esnerik gozoena baino gozoagoa zela dastatzeko. Untonbindek aintzira hartara joan nahi zuen. Urte batez, euri asko egin eta ibaiak gainezka eginak zirela, aintzira hartara joateko baimena eskatu zuen Untonbindek. Aitak eta amak debekatu egin zioten hara joatea. Urte bete eman zuen Untonbindek aintzira sorgindu hartako ur gardenetan amets egiten, eta euri sasoia iritsi zenean berriro eskatu zien gurasoei hara joateko baimena. Gurasoek debekatu egin zioten berriro. Beste urtebete joan zen. Euri sasoia iritsi zen, eta hirugarrenez eskatu zuen Untonbindek aintzira sorgindura joateko baimena. Gurasoek bazekiten bakerik ez zutela izango alabari eskatzen zuen baimena eman arte; eta, halaxe, eman zioten. Ezkon bidaiara balihoa bezala antolatu zuen guztia. Herriko berrehun neska hautatu zituen berekin batera prozesioan joateko; bera senargaiarengana balihoa bezala kantu eta dantza egin zezaten agindu zien. Neska guztiek, irribarrez, bi ilara egin zituzten, Untonbinderen alde banatan, eta urduri abiatu ziren beren mentura bila. Handik pixka batera merkatari talde batekin topo egin zuten. – Ez al gara ederrak —galdetu zieten neskek, dantzan jarraituz—. Zein da gutatik politena? Merkatariek berrehun neskei begiratu zieten, baina beren buru zeramaten Untonbinde baino ederragorik ez zela erantzun zieten; hura, izan ere, beste guztiak baino garaiagoa baitzen. – Arbola lirain bat bezala da, haizetan kulunkari —esan zuten merkatariek. Untonbindek pozik jarraitu zuen bidean aurrera, baina neska batzuk haserre zeuden, merkatariek beren edertasuna gutxietsi zietelako. Merkatariak hil eta bide-bidean utzi zituzten. Eguzkia ezkutatu zenerako neska-prozesioa aintzira sorgindura iritsi zen. Bero eta nekaturik zeuden. Beren besoetako uztaiak, idunak kendurik, jantziak erantzirik ur hotzean murgildu ziren pozarren. Barrez, zipriztinka, igerian aritu ziren, ordura arteko inoiz baino alaiago. Baina uretatik banan-banan atereaz zihoazen ahala, beren jantziak eta apaingarriak falta zirela ohartu ziren. Oihuz eta negarrez hasi ziren. Luzera gabe neska guztiak negarrez ziren, Untonbinde salbu, ur ertzean. – Untonbindek du errua —hasi zen oihuka neska bat—. Untonbindek ekarri gaitu hona. Gure jantziak eta gure aberastasun guztiak galdu ditugu; hotzak eta bakar-bakarrik gaude, eta gaua badator. – Uretako munstroak eraman dizkigu jantziak ziurrenera —esan zuen zotinez beste neska batek—. Hemen beste inor ez da. Barkazioa eskatu behar diogu. Esan diezaiogun Untonbinderena dela errua. Erregutu diezaiogun jantziak itzultzeko. Banan-banan neska guztiek beren damua adierazi zuten, Untonbinderi bota zioten errua eta jantziak itzul ziezazkien erregutu zioten munstroari. Banan-banan neska guztiei nori bere jantzia eta apaingarriak itzuli zitzaizkien. Untonbinde bakarrik geratu zen zutik bere buru harroa zutik, barkaziorik eskatu nahi ez zuela. – Ni naizen bezalako printzesa ederra, denek miresten dutena ez da inoiz makurtuko munstro bati erregutzera —esan zuen. Hitz horiek halako moduz haserrarazi zuten munstroa, non Untonbinde harrapatu eta urpera eraman eta bertan irentsi baitzuen. Neskak beldurraren beldurrez beren kraalera itzuli ziren, eta gertatutako guztia kontatu zieten errege-erreginari. – Hau zoritxarra —esan zuen erregeak—. Banekien gauza onik ezin zuela etorri horrelako leku sorgindutik. Sekulako galdu da nire alabatxo polita. Hau zoritxarra nirea! Bere alaba deitoratzearekin ez baitzuen aski, gudari gazte guztiei deitu, eta mendekua hartu nahi zuela esan zien. – Zorroztu itzazue ezpatak —egin zien oihu erregeak—, jar zaitezte gerrarako ordenan. Zoazte aintzira sorgindura eta hil ezazue hango munstroa. Gudariak erregearen aginduak betetzeko gertatu ziren. Urrutitik entzun zituen munstroak gudarien oin hotsak, ezpata hotsak, ezkutu hotsak. Haien gudu oihuak entzun zituen eta aintziratik kanpora aterarik bidera atera zitzaien. Munstro ahaltsuak bere ahoa zabal-zabal egin eta gudari guzti-guztiak irentsi zituen. – Nortzuk dira bakean utzi nahi ez nauten horiek? —egin zuen urruma munstroak—. Beren sail guztiak suntsituko dizkiet, kraala birrinduko diet eta hala libre izango naiz horietatik. Jan zuen jende guztiaren pisuaz makur-makur eginik kraalerako bidea hartu zuen, bidean topatzen zuen guztia abarrakituz. Kraalera iritsirik, erregea bera topatu zuen munstroak. Ordurako ordea, hain zegoen puzturik jandako guztiaz, non mugitu ere nekez mugitzen baitzen. Erregeak aurre egin zion, ezpata atera eta eztarritik sabeleraino ebaki zuen. Gudari guztiak eta Untonbinde bera ere kanpora irten ziren. Arnasa hartu, alaitu eta berriro piztu ziren. Munstroa odol-putzu batean hil zen eta herri osoa poztu zen. Untonbinde bizi zen kraaletik hurbil errege handi baten lurraldeak zeuden. Errege hark emazte asko eta seme gehiago zituen; emazte haietako batek, hala ere, semerik ez zuen. Ohitura betez gero, emazte hura kanpora egotziko zuketen, eta etxolarik txiroenean bizitzera behartu, baina beste errege ahaltsu baten alaba zen, eta emakume haren senarrak ez zion begirunea galdu nahi. Horrexegatik gainerako emazteak jelosiaz beterik zeuden. – Zergatik bizi behar du haurrik izan ez duen emazteak besteok bizi garen bezain ongi —galdetzen zuten. Gorroto zioten haurrik izan gabeko emazteari, eta begiramendurik batere gabe tratatzen zuen aukera zuten guztian. Egun batez, askotan ohi zuen bezala, haurrik gabeko emaztea negarrez zegoela, bi uso geratu ziren handik hurbil. Haur bat emango ziotela eskaini zioten, bere etxolan zituen piper-hazien ordainetan. Pozaren pozez, piper-haziak hartu eta usoen aurrean zabaldu zituen. Usoek asebete arte jan zuten, eta ondoan mokoka hasi ziren, odola hasi zitzaien arte. – Orain haur bat izango duzu —esan zioten, eta hegan alde egin zuten. Handik bederatzi hilabetera seme bat izan zuen. Mutiko ederra zen eta, bere amaren familia oso aberatsa zenez, haur hura egin zuten bere aitaren oinordeko, eta emazte guztien nagusi eta erregina izendatu zuten ama. Horrexegatik gainerako emazte guztiek gorroto bizi-bizia hartu zieten ama-semeari, eta haien semeak ere jelosiaz urratzen zeuden. Erregina berria beldurrez zegoen beste emazteren batek edo haien haurren batek semea hilko ez ote zion. Boa suge baten azalean bildu eta ezkutatu egin zuen. Urteak joan urteak etorri, erreginak ezkutuan gordeta zeukan semea. Jendea marmarrean hasi zen haur hura hila zela, edo haur hura suge bihurtua zela. Hala ere erreginak ez zien erakutsi nahi bere haurra beste emazteei edo haien haurrei. Izu handiegia zuen horretarako. Horrela bada, jendeak berehala ahaztu zuen erreginak seme bat zuenik ere. Erreginaren jatorriko familia ere, bitarte horretan, pobretua zen, eta jendeak begirune guztia galdu zion emakume hari. Hala, urrutieneko etxolan, etxolarik txiroenean jarri zioten bizilekua, eta denek gutxiesten zuten, inoiz semerik izan ez balu bezala. Garai horretarako mutila kozkortua eta gizon egina zen. Ez zuen ulertzen zergatik zegoen horren bizitza ezkutukoa eta berezia egitera behartua. Azkenean amari esan zion ez zuela harekin gehiago bizi nahi eta alde egin nahi zuela. – Zeuk egin nauzu izaki berezia —esan zion amari—. Zuregatik hil nahi naute nire anai-arrebek. Etxetik alde egin zuen, eta amak ezin izan zuen aurkitu, ahaleginak eginagatik. Eta bere senarrarengandik edo beste emazteengandik ere ez zuen laguntzarik izan. Sinistuta baitzeuden haur hura hila zela aspaldi. Hala ere, amak uste osoa zuen egunen batean semea itzuliko zela, eta etxola bat eraiki zuen harentzat, eta gauero-gauero jateko eta edateko uzten zion haren aurrean. Eta nola historiak, kontatu hutsez, interesgarriago bihurtzen baitira, inguruko herrietako jendea esaten hasi zen ezen erregearen seme galdua bizirik zela oraindik eta eguzkia bera baino mutil ederragoa zela. Printzesa askok nahi izan zuten ezkutuko gazte misteriozko haren emaztegai egin. Erregeak abegi onez hartu zituen ezkongai izan nahiz zihoazen emakume gazte guztiak, baina argi eta garbi adierazten zien ez zekiela bere seme galduaren nondik norakorik. Gisa horretan printzesa haiek erregeren beste semeekin ezkontzen ziren, eta ez zen argitzen misterioa. Egun batez Untonbinde printzesa eder garaiak printze galduaren historiaren berri jakin zuen. Entzunez batera hartu zuen erabakia gizon hark bere senarra izan behar zuela. Eta halaxe errege haren herrira joan zen. – Zuen erregeak badu oinordeko bat eguzkia bezain ederra dena, inork oraindik ikusi ez duen oinordekoa —esan zuen—. Haren emaztea izateko etorri naiz. Oinordeko galduaren amak Untonbinde ezagutu zuen, eta poz handia hartuko zukeen bere semea horren printzesa ederrarekin ezkontzeko itzuliko balitz. Erregeak berriz, bere seme hura ezin aurkitu zela, eta beste semeren batekin ezkondu beharko zuela erantzun zion. Untonbindek ordea, ez zuen horrelakorik nahi izan, eta harri eta zur utzi zituen guztiak. Buruzagiaren kraaletik alde egiterik ere ez zuen nahi izan. – Hementxe geratuko naiz oinordeko galdu hori berriro itzuli arte, eta orduan haren emaztegaia egingo naiz —aldarrikatu zuen. Oinordekoaren ama guztiz hunkiturik zeukan Untonbinderen ausardia hark, eta etxola bat eraiki zion bere semea itzuli arte non bizi eduki zezan. Herri hartan zeraman lehenengo eguna iluntzen hasi zenean, bere etxola berrira erretiratu zen lotarako. Ustekabean amak haragia eta esne mindua ekarri eta aurrean utzi zizkion. – Ezkon-janaria da hau —esan zuen Untonbindek—. Zergatik uzten duzu hemen gauerako? – Urte askoz utzi dut janaria kanpoan nire seme galduarentzat —erantzun zion amak—. Orain ezkon-janaria utziko diot zure etxolan, eta ea itzultzen den. Untonbindek gau osoaz lo egin zuen, eta goizean janaria inork ukitu gabe aurkitu zuen. Hurrengo gauean ere amak janaria utzi zuen etxolan. Goizean iratzarri zenean, gauez norbait sartu eta janari pixka bat jan zuela ohartu zen Untonbinde. – Ikusi al duzu nor sartu den etxolan? —galdetu zion amak. – Ezer ez dut ikusi —erantzun zion Untonbindek. Hirugarren gauean ere amak etxolan janaria utzi zuen. Ordurik ilunenean zerbaitek iratzarri zuen Untonbinde. Eskua ukitzen ari zitzaion norbait. Gizonezko ahots batek nor zen galdetu zion. – Untonbinde naiz, eta erregeren oinordekoarekin ezkontzeko itxoiten ari naiz. – Oinordeko hori aspaldi galdua da —erantzun zion ahotsak—. Zergatik ez duzu beste batekin ezkondu nahi? Erregeren oinordekoa baizik ez zela duin berekin ezkontzeko, erantzun zion Untonbindek. Janari pixka bat falta zen, eta Untonbinde bakarrik geratu zen berriro. Untonbindek ateko maratilari begiratu zionean ordea, inork ukitu gabe zegoela ohartu zen. Egun horietan oinordekoaren ama oso urduri zebilen. Ziur zegoen bere semea zela Untonbinderen gau-bisitaria, eta janaria jaten zuena: Untonbindek ordea ez zuen ikusi oraindik bisitari hura eta ezin zuen esan nor zen. Hurrengo gauean ere janaria utzi zuten, eta ordurik ilunenean giza ahots bat entzun zuen Untonbindek bera zegoen etxolan. Ahots hark sua pizteko esan zion Untonbinderi, eta hala, suaren argitan, suge batekin ari zela hizketan ikusi ahal izan zuen printzesak. – Ni naiz erregearen oinordeko galdua —esan zion izaki hark—. Orain dela zenbait urte lurpean ezkutatu nintzen, nire anaiek hilko ote ninduten beldurrez. Orain, ordea, beste inola bizitzen ez dakit. Untonbinde ausarta ez zen beldurtu, goizera arte itxoiteko erregutu zion sugeari, eta hitz egiteko amarekin, damuz eta penaz baitzegoen hura bere semea galdu izanagatik. Izaki hark ez zuen nahi, ilun zen bitartean alde egin behar zuela esan zion. Untonbindek erregu eta erregu eskatzen zion geratzeko, eta azkenean lortu ere lortu zuen sugeak onartzea Untonbinde bere amarengana joan eta ekar zezan. Untonbinde lasterka atera zen etxolatik. Itzuli zenean, suge baten ordez, gizonezko gazte bat zuen zain. – Untonbinderen kemenagatik nire osasuna eta edertasuna itzuli zaizkit —esan zuen. Amak eta oinordekoak pozez lehertu behar zuten. Gizona erregearen aurrera eraman zuten, ikus zezan. Hura ere pozez bete zen bere semea halako gizon ederra egina ikusirik. Berehalaxe konpondu ziren erregearen semea eta Untonbinde ezkontzeko konpondu beharrekoak. Dantza eta festa handiak izan ziren, eta handik gerora oinordekoa errege izan zen Untonbinde erregina zuela. Uretako izpiritua Afrika. Garai batean bazen emakume izpiritu ahaltsu bat; euriaren, argiaren eta beste gauza askoren gainetik agintzen zuen. Esaten denez, garai horretan baziren emakume batzuk lurralde hartan oso ur gutxi zelako neke handitan zebiltzanak: beren kargu baitzuten, izan ere, urketa. Kuia handitan ekartzen zuten urrutitik, buru gainean hartuta, horren beharrezkoa zuten ur gozoa. Horretan atso xahar bat azaldu zen, sorbaldan haur bat zeramala. Gelditu zen, eta zalantza pixka baten ondoren, haurrarentzat ur pixka bat emango al zioten eskatu zien. Ezetz erantzun zioten; bide luzea egin behar zutela ura ekartzeko, eta bere premietarako behar zutela zekarten guztia. Atso gaixoa etsita geratu zen, baina egunen batean errukirik izan ez hori damutuko zitzaiela esan zien. Geroago gizon bat topatu zuen palmondo batera igoa. Deitu eta palma-ardo pixka bat eskatu zion haurrarentzat, egarriak hiltzen zegoela-eta, gaixoa. Gizonak baietz esan zion. Palmondotik laster-laster jaitsi eta kalabaza bete ardo eman zion. – Ontzirik ez dut, ordea —esan zion atsoak. – Ez dio axola, amona —erantzun zion gizonak—, hutsik dagoen kalabaza bat puskatuko dugu eta hartatik emango diogu edaten haurrari. Atsoak mila eta mila esker eman zizkion. Biharamunean ere leku berean egoteko eskatu zion atsoak gizonari handik aurrera jarraitzera zihoanean. Gizona hain pozik geratu zen egindako mesedeaz, non gau osoan ez baitzuen lorik hartu, eta biharamunean goizean goizik joan zen atsoak esandako lekura. Txundituta geratu zen. Aintzira zabal bat zen ordu arte urik inoiz izan gabeko lekua. Atsoa berriro azaldu zen, eta zertaz harriturik ez zuela berak, Uretako Izpiritu Nagusiak, eginagatik. Ur hartan arrantzan egiteko esan zion, aintzira hartan urik sekula ez zela faltako. Baina agindu zehatza eman zion emakumeak ez zitzala inoiz hango arrainak ukitu, behar izan zuenean laguntzarik eman ez ziolako. Aintzira hark Bosi du izena. Saguzarrak zergatik lo egiten duen buruz behera. Baule herriko ipuina. Bolikosta. Behin batean joan zitzaion saguzar erraldoi bat Ama Lurrari, eta diru pixka bat eskatu zion alokairuan. Ama Lurrak eman zion. Saguzarrak zerurantz jo zuen, hegan, Niame jainkoa zegoen lekura, eta dirua eskatu zion hari ere. Handik pixka batera Niamek dirua behar, eta mandatari bat bidali zion saguzarrari, diruaren eske. Saguzarrak baietz, itzuliko ziola, eta mandatariarekin batera lotu zitzaion bideari. Ama Lurrak, ordea, oihuz hots egin zion : – Niri ordaindu behar didazu Niameni baino lehen. Zergatik nahi diozu hari ordaindu niri baino lehen? Hortaz Saguzarrak mandataria aurrelari igorri zuen, agindurik esateko Niameni hankak eta hegalak harenganantz zituela, eta Lurrari ihardetsi zion, esanez: – Niameri ordaindu nahi diot lehendabizi, gobernari guztietan handiena baita. Zu ere ez zaitut ahaztuko, eta adi naukazu beti, zuk zer esango. Horrexegatik hain zuen, saguzarra zuhaitzetik zintzilikatzen denean, hankak gorantz ditu, Niamerenganantz, eta burua beherantz, lurrerantz, honek zerbait esan behar badio ere. Zein buruargiena Borana herriko ipuina. Kenia. Antzinako garaietan hiena eta tximinoa adiskideak ziren, eta oso elkarrekin ibili zaleak. Egun batez bietan zein zen buruargiena atera zen hizketa gaia. Luze aritu ziren eztabaidan, baina nork bere burua zeukan buruargientzat, jardun eta jardunagatik amore eman gabe. Bietan buruargiena zein zen erabaki ezinik, gizonari galdetugo ziotela deliberatu zuten. Eta halaxe gizona bizi zen etxerantz bideratu ziren biak. Bidean zihoazela, barrez eta bromaz zihoazen biak, bi-biek baitzuten uste osoa berak irabaziko zuela. Gizonak oso harrera txeratsua egin zien etxera iritsi zitzaizkionean. Bakoitzari pertza bana esne jetzi berri eman zien, eta gustu handiz edan zuten, edan ere, tximinoak eta hienak. Une batean tximinoak bazter batera eraman zuen gizona. Begiratu zuen ondo-ondo inguruan behar ez zenen bat ageri ote zen, eta esan zion: – Adiskidea, eskertzen dizut egin diguzun harrera eta eman diguzun esnea. Eta esango dizut zertara etorri garen zuregana hiena eta biok. Luze aritu gara eztabaidan biotan buruargiena zein den ezin argituz, eta zure iritzira uztea erabaki dugu. Baina entzun iezadazu ondo, eta ez ezazu ahaztu ni baino hiena bizkorragoa dela esaten baduzu, etorriko naizela nire lagun guztiekin zure etxera, eta uretan sartu eta den-dena zikinduko dizugula, eta ez zuk ez zure behiek ezin edango duzuela ur horretatik gehiagoren gehiago. Egin kontu, bada, eta begira nik irabaz dezadan. Hienak ere, geroxeago, gizona bazter batera eraman, eta horrelako zerbait esan zion gizonari: – Eskertzen dizut tximinoari eta niri egin diguzun abegi ona eta eskaini diguzun esne gozo hori. Barka nazazu zure etxera ekarri zerk ekarri gaituen oraindik argitu ez badizut. Begira, tximinoaren eta bion artean eztabaida luzea izan dugu zein den biotan buruargiena. Ados ezin jarri garenez, zure esanetara utzi dugu hautua. Erantzuterakoan, ordea, eduki ezazu kontuan oraintxe esan behar dizudan hau: buruargiena tximinoa dela esaten baduzu, zeuk ikusiko duzu zer ondorio etorriko zaizun. Etorriko gara hiena guztiak eta Jainkoak daki zertzuk gertatuko zaizkizuen zuri eta zure abereei. Gizona berehalaxe ohartu zen harrapatuta zegoela batetik ez bazen bestetik: tximinoa buruargiago jartzen bazuen, hienak etsai izango zituen, eta hiena jartzen bazuen buruargiago, tximinoak etsaituko zitzaizkion orduan. Kezka larria sartu zitzaion, eta ez zekien hartatik nola onik irten. Iritsi zen bada erabaki beharreko unea. Tximinoak eta hienak esan zioten: – Auzi bat argitzeko etorri gatzaizkizu: ea nor den biotan buruargiena. Zure esku utzi dugu epaia. Zuk esan. Gizona luzaro egon zen gogoetan, eta esan zien: – Zoazte biok eta jar zaitezte alde banatara, tximinoa eskuinean eta hiena ezkerrean. Bizkarrean lehen ukitzen dudana, hura da biotan buruargiena; ukitzen dudanak, ordea, bere etxera joan behar du zuzen-zuzen. Bi lagunak gizonaren alde banatan eseri zirenean, hark aldi berean ukitu zituen biak, eta biek, zein baino zein lasterrago, nork bere etxera alde egin zuten, ustez gizonak bera buruargien izendatu zuela-eta. Halaxe salbatu zituen gizonak bere ura eta bere abereak. Harrezkero gizona esaten da dela animaliarik buruargiena, arrisku guztietatik nola edo hala onik ateratzen dakielako. Zein koloretakoa da kameleoia? Bolikostako ipuina. Afrika. Behin batean Niame jainkoak mezu bat bidali zuen Lurrera, hango biztanle guztiak, gizon eta animalia, bere aurrera joan zekizkion. Bere aurrera iritsi zirenean, esan zien: – Pentsa ezazue ondo eta esadazue zer eduki nahi duzuen Lurrean. Eta huraxe emango diot. Gizonak esan zuen: – Nik herri batean bizi nahi dut, soroak landuz. – Guk basoan bizi nahi genuke —esan zuten piztiek. Kameleoia berriz isilik zegoen. – Zuk zer nahi duzu? —galdetu zion Niamek. – Begira —erantzun zion kameleoiak—, nagoen edozein toki neurea izatea nahi nuke. – Ederki —esan zion Niamek—. Nork zer nahi izan duen, huraxe izango du. Harrezkero gizakiak herrietan bizi dira eta piztiak oihanetan. Kameleoiak berriz, zein lekutan dagoen, hango kolorea hartzen du, eta etxean balego bezalaxe da beretzat edozein leku. Zer den zailena Amhara herriko ipuina. Etiopia. Afrika. Herri bereko lau gizon azokara joan ziren. Bakoitzak behar zuena erosi zuen eta atzera herrirako bidea hartu zuten laurek. Hiru aurreratu egin ziren, laugarrena atzeratu samar zetorren. Herriko gizon txiroena zen. Karga ere lauetan astunena zeraman: errotarria egiteko harria zeraman bizkarrean. Bidearen erdia edo eginik zutela, beren herritar batekin egin zuten topo. Aurreraturik zihoazen hirurek gelditu zuten eta galdetu zioten: – Hirian izan garen artean ezer txarrik gertatu al da herrian? – Zuen etxeetan ez, baina harria dakarrenarenean izan da kalterik: mandoa hil zaio. – Orain ez diogu ezer esango. Nahikoa karga astuna da lehendik ere dakarren harri hori —esan zuen bidaztietako batek. – Ondo diozu —esan zuen besteak—. Etxera iristen denean jakingo du. Hirugarrenak ez zuen ezer esan. Oso berritsua zen, zer entzun, instantean errepikatu beharrekoa. – Hi kontuz ibili —esan zioten; ezer esaten badiok, egurtuko haugu, eta heuri erantsiko diagu errotarria, eramateko. – Ez, ez; ez diot ezer esango —agindu zien berritsuak—. Ikusiko duzue; ez dut hitzik aterako. Hizketan ari zirela txiroa elkartu zitzaien, errotaria bizkarrean zekarrela, ea lauek elkarrekin jarraitu zuten bidea. Berritsuak ezin eutsi zion berriari. Ezin zuen isilik egon, eta ehun pauso ozta eginik zituztela, mihiari jaregin zion. Txiroak etxean gertatutako ezbeharraren berri jakin zuenean, burua makurtu eta ia ezin zuen bere karga eraman. Beste bi bidaztiek berritsuari heldu zioten. – Agindutakoa ez duk bete! Ahaztu egin al duk heuk esandakoa? Hirekin alferrik duk hitz egitea! Berritsuari isiltzeko agintzea eta harriari hitz egiteko esatea, gauza bera. Orain ikusiko dituk, ikustekoak! Bero-bero egin zuten, errotarria bizkarrean kargatu, eta herriraino eramatera behartu zuten. Berritsuak ez zuen batere protestarik egin. Karga astun hura bizkarrean zeramala, irribarrez zihoan hala ere: – Hau errazagoa da! Zailagoa da sekretuak gordetzea. Horrexegatik esan ohi da berritsuez: Berritsuak errazago errotarria eraman mihia gorde baino. Zergatik esaten den gonbitak zor duela gonbita Ghanako ipuina. Afrika. Zer ez ote daki Anansik? Edozertan ari dela Anansi ez da inoiz galduan ateratzen. Horregatik inork ez du traturik nahi harekin. Gauza jakina zen armiarma beti goserik zela, eta noranahi zihoala ere, hura beti ari zela zer jan bila. Aski zen jaki gozoren bat ematea, hura pozik edukitzeko. Hala ere gehiago eta gehiago nahi izaten zuen beti. Herritik irteeran bizi zen. Inori ez zion uzten etxean sartzen, zerbaiten probetxua ateratzeko ez bazen. Egun batez ordea, urrutietako herrietatik iritsitako bidazti bat, dortoka, joan zitzaion ate joka. Urrutitik zetorren, egun osoa emana zuen bidean, eta goseak eta nekeak zegoen gaixoa. Armiarmak ez zuen beste erremediorik izan, ostatu onaren legeak agintzen duen bezala, etxea utzi behar izan zion dortokari hantxe indartu eta atseden har zezan. Nahi, ez zuen nahi noski, baina hala egiten ez bazuen herritar guztiek jakingo zuten, eta ez zuten onik esango. Irtenbideren bat aurkitu behar zuen, horregatik. Begiratu zion dortokari errukizko begiz, eta esan zion: – Ez dakizu, polit horrek, zein pozik naukazun nire afaritxo apal hau zurekin erdibana egiteko aukera ematen didazulako. Baina, gure artean ohitura da egunean bitan garbitzea. Zoaz bada bide horretatik, eta berehalaxe topatuko duzu iturria. Oinak zikinak dituzu bideko lokatzez. Zoaz, eta garbitzen dituzun bitartean, nik afaria prestatuko dut. Dortokak ontzi bat hartu zuen eta armiarmak esandako bidetik iturrira joan zen. Han oinak garbitu zituen, xukatu zituen ongi-ongi belarretan, eta etxera itzuli zen. Etxerakoan, ordea, berriro zikindu zitzaizkion oinak. Bien bitartean armiarmak afaria prestatu zuen, eta hara-hona zebilen sukaldean, oso pozik balego bezala itxura eginez. – Sar zaitez, sar zaitez, adiskide nirea —esan zion dortokari—, zatoz barrura. Horretan, ordea, oinetara begiratu zion dortokari; eta haserre esan zion: – Nola daiteke baina! Oinak zikin-zikinak dituzu oraindik? Ondo garbitu behar dituzu mahairatzerako. Dortokak ere bere oinetara begiratu, eta lotsatu egin zen: zikin-zikinak zeuzkan. Baina goiz-goizetik ezer jan gabe baitzegoen, eta armiarmak afaritarako prestatuak usain gozo-gozoa baitzuen, dortokari ahoan listua egiten zitzaion. Baina oinak garbitzera iturrira joan behar izan zuen. Oinak berriro garbitu eta laster bai laster itzuli zen etxera, dortokak ahal duen lasterrena behintzat. Horregatik dortoka etxera zenerako, armiarmak jana zuen afariaren zati on bat. – Afari ederra —esan zion dortokari—, eseri zaitez laster, eta hasi. Ustekabean bezala, ordea, dortokaren oinetara begiratu zuen berriro, eta haserre handiz esan zion: – Zer? Ez dituzu oinak garbitu nahi? Dortokak oinetara begiratu zuen. Bidean zekarren gosearekin ohartu ere ez zen egin nonbait itzuleran bideko lokatzak bildu zituela berriro. – Garbitu ditut —erantzun zion ia negarrez—. Bitan ere garbitu ditut, baina hain dago lohi bide hori… Anansi haserretu egin zen. – Etxea zikintzen ari zara! —esan zion amorruz, ahoa betetan—. Baina zoaz, garbi itzazu oinak ongi, eta gero afalduko dugu. Dortokari begiak tristuraz bete zitzaizkion, eta begirada hartaz begiratzen zuen janaria, erdirik ere ez baitzen geratzen; eta iturrirantz abiatu zen berriro. Anansi gaiztoa jan eta jan ari zen bien bitartean. Dortoka iturrira iritsi zen, oinak garbitu zituen, xukatu zituen belarretan eta atzera etxera itzuli zen, ez ordea bidetik, han lokaztu egingo baitzen, belardietatik baizik, belarra garbi-garbia baitzegoen. Etxera iritsi zenean Anansi ezpainak garbitzen ari zen zegoeneko. – Ederra afaria. Dortokak plateretara begiratu zuen; hutsik zeuden: baina ez zuen ezer esan. Irribarre egin eta burua makurtu zuen. – Alde egin beharra dut —esan zuen dortokak—. Oso afari ederra izan da. Ez nekien herri honetan arrotzekin horren eskuzabalak zinetenik. Inoiz nire herrira iristen bazara, etor zaitez, arren, nire etxera. Eta alde egin zuen. Dortokak ez zion esan inori armiarmak iruzur egin zionik, eta apurrik ere eman gabe afari osoa berak jan zuenik. Armiarma berriz herrian gora eta behera ibili zen harro-harro dortokari zein afari ona eskaini zion esanez, eta dortokak inoiz haren herrira joaten bazen etxera azaldu gabe ez itzultzeko eskatu ziola eta handiagoak zabalduz. – Gonbita horri ezin ezetz esango diozu, dortokak ez lizuke barkatuko eta —esaten zioten auzokoek, baina barrez eta isekaz esaten zioten, ondotxo baitzekiten jakin ere nolakoak izaten ziren Anansiren gonbitak. Anansik, hala, dortokari bisita itzuli behar izan zion. Bide luzea egina zuen zegoeneko, eta non dortoka ibai bazterrean eserita ikusi zuen, eguzkitan berotzen. – Hara, Anansi dugu eta! —egin zion diosal dortokak—, azaldu zara bisita egitera. Eskertzekoa da. Ez dakizu zenbat pozten nauzun. Oraintxe nindoan bazkaltzera, nahi baduzu. – Eskertzen dizut —erantzun zion armiarmak—; bide luzea da guretik zuenera, eta oraintxe nekatuta eta goseak nago. – Ederki, oso ederki —erantzun zion dortokak—. Badakizu gauza bat? Nik etxe ondo-ondoan dut ura, ez urruti zuk bezala. Zaude bada hementxe eserita pixka batean, eta ni noan bazkaria prestatzera. Hori esanik uretan murgildu, hantxe bizi baitzen, eta ibai hondo-hondoraino jaitsi zen. Uretan dortoka arina zen, laster moldatzen zen, lehorrean ez bezala, neke handiz moldatzen baitzen lehorrean. Berehalaxe prestatu zuen bazkaria. Ur azalera irten eta esan zion armiarmari, urduri baitzebilen hara eta hona: – Prest dago. Zatoz etxera. Dortoka murgildu eta armiarmari bidea erakusten zion. Armiarmari goseak barrena urratzen zion, eta luze pentsatu gabe uretaratu zen hura ere. Dortokari jarraitu nahi zion: baina ezin: gorputzez hain zen arina non ur gainean geratzen baitzen. Ahaleginak egin arren ezin zuen uretan barrena murgildu. Dortoka berriro azaleratu eta esan zion: – Horren bidaia luzearen ondoren goseturik izango zara behintzat! Bazkari gozo-gozoa prestatu dizut. Zatoz laster. Eta uretan murgildu zen berriro. Berriro ere ahalegindu zen armiarma dortokaren atzetik murgiltzen. Alfer-alferrik ordea. Anansi bizkorra bazen, konponbide bat aurkitu behar zuen larrialdi hartarako. Harri txintxar batzuk hartu eta patriketan sartu zituen. Karga harekin ez zuen beste ezeren beharrik izan, ia-ia indar egin beharrik ere ez, hondorainotzeko. Anansi neke handiz moldatzen zen uretan, baina nekez bada ere, dortokak bazkaria prestaturik zion tokiraino iritsi zen. Dortoka ere ez zen geldirik egona, eta Anansi iristerako bazkariaren erdia jana zuen. Armiarmari berriz gorputzak ikara egiten zion gosez. Mahaira eseri zen ozta-ozta, eta dortokak esan zion ahots apalez: – Barkatuko didazu, adiskide maitea, baina gurean ez dugu ohitura mahaira kaleko jantzita esertzeko. Erantzi itzazu, arren, dakartzazun jantzi horiek, eta berehalaxe jango duzu. Hori esanik, dortokak ahoa bete eta jan eta jan ekin zion. Anansiri begiak tristuraz bete zitzaizkion mahaia ikusita, geroz eta hutsago ari baitzen geratzen. – Asetzeko adina bada oraindik eta erantzi nadin —pentsatu zuen bere baitarako. Jantziaren patriketan zeuden ordean Anansi urpean zeukaten harriak. Erantzi bazen zen erantzi zen; ur gainera irten zuen berriro, behean ezin eutsirik. Dortoka hondoan zegoen, bere bazkari gozo-gozoarekin. Anansi lehorrera atera zen, eta goseak itzuli behar izan zuen bere herrira. Horregatik esan ohi da horrelakoetan gonbitak bere adinakoa izaten duela ordaina. Zerria eta elefantea Bolikostako ipuina. Afrika. Zerria elefanteari joan zitzaion behin, eta galdetu zion: – Esango al didazu, mesedez, zer egin behar den zu bezain handia izateko? – Sekretua da hori —erantzun zion elefanteak—; baina hala nahi baduzu emango dizut horretarako behar den magiazko gaia. Basoan barrena sartu, eta magiazko indarra zuten hosto batzuk ekarri zituen handik gutxira. – Egunero-egunero horrelako hosto batzuk emango dizkizut, eta azkenerako neu bezalakoxe handia egingo zara —esan zion zerriari elefanteak. Zerria egunero-egunero joaten zen elefantearengana; hark egunero ematen zizkion magiazko hosto haietako batzuk, eta zerriak jan egiten zituen. Handik pixka batera elefantearen antza hartzen hasi zen. Loditu zen; muturra luzatzen hasi zitzaion; haginak luzatzen hasi zitzaizkion, eta begiak eta belarriak ere geroz eta elefantearenen antzekoagoak hasi zitzaizkion bihurtzen. “Ari da, ari da”, pentsatu zuen zerriak. “Aurki naiz elefantearen berdina; baina ez naiz ibiliko, piztia alfer hori bezala, ibilian eta ibilian. Nik erakutsiko diet denei zer den piztia handia izatea”. Muturra jaso-jaso egin eta handik aurrera ez zuen gehiago ibili nahi izan bere ordura arteko lagunekin. Gau batez zerria basora joan zen uxarrean egitera. Ordurako ordea jokaera aldatzen hasia zen zerria; piztia handi ahaltsua balitz bezala ibiltzen hasia zen: urratsak lurra gogor zapalduz ematen zituen, zarata eginez jaten zuen; animalia askok alde egin zuten handik, zerriaren beldurrez. Gau hartan elefantea inguru hartan zebilen nonbait. Zarata eta hots haiek entzunda, harriturik galdetu zuen: – Nor da hori? – Elefantea bera baino gehiago da hemen dabilena —erantzun zion zerriak oraindik ere kurrinkaren antza bazuen marru-nahi batez. – Bai zera —erantzun zion elefanteak—. Ni adinakorik ez dut egundo ezagutu. Berehalaxe ikusiko dugu zein den hori. Hotsak zetozen lekura joan ea zerria ikusi zuen lokatzetan ihalozka. – Hara, hara —esan zuen elefanteak—; hara zein genuen! Nik hazten lagundu eta zu horretan… Libra batzuk behar dituzu oraindik piztia handia izateko, eta ni baino gehiago zarela esaten hasia zaitugu dagoeneko. Ez da gutxi. Bada, kito magiazko hostoak eta oraintxe zaren bezalakoa izango zera bizitza guztirako. Horrexegatik du, nonbait, zerriak muturra luze xamarra, eta elefantearen tronpa bezala jaten ari denean mugitzen ez zaiona. Oharrak [←1] Чернавка hitzaren (Beltxaran) txikigarria [←2] черная (Beltza)
booktegi.eus AITZIBER AZAGIRRE IURREBASO community manager ziurtagiria ikastaroa EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea AURKIBIDEA HITZAURREA SARRERA Komunikazioaren paradigma berria Web 1.0, web 2.0 eta web 3.0 Sare sozialak Nola erabiltzen ditugu sare sozialak? COMMUNITY MANAGERRAREN IRUDIA Community managerraren definizioa Community managerraren funtzioak Community managerraren gaitasunak Zenbait lanpostu eta zeregin SARE SOZIALIK ERABILIENAK Facebook Twitter Instagram Hootsuite JARDUNBIDE EGOKIAK SARE SOZIALETAN Nola idatzi Nola etiketatu SOCIAL MEDIA PLANA EPILOGOA HITZAURREA Seguruenik guztioi ezaguna zaigu community manager kontzeptua, baina zer da zehazki? Zer egiten du? Egun oso modan dauden sare sozialekin lotura zuzena duela bai, baina horrez aparte ezer gutxi dakigu community managerrari buruz. Hortaz, galdera horiei guztiei erantzuna ematen saiatuko gara ikastaro honetan. Helburu nagusia enpresa edo entitate bateko comunnity managerra izaten ikastea da, beraz, hauexek izango dira astean zehar ikusiko ditugun edukiak: lehenik eta behin, Internetek izan dituen faseak ezagutu eta sare sozialak kokatuko ditugu; nola ez, community managerra zer den eta zer egiten duen ere ikusiko dugu; sare sozialik erabilienei gainbegiratu arin bat emango diegu jarraian; ondoren, sare sozialetan egokiro idazteko eta etiketatzeko aholkuak emango ditugu; eta, bukatzeko, community managerrak burutzen duen plan estrategikoaren nondik norakoak ezagutuko ditugu. Besterik gabe, jakin ezazue erabat bokaziozko lana dela community managerrarena, eta hauek apunte soil batzuk besterik ez direla, eta gakoa zaletasunean eta pasioan dagoela. SARRERA Komunikazioaren paradigma berria Internetek erabat aldatu du gure bizimodua: gure artean komunikatzeko modua, gure erlazionatzeko modua, eguneroko aisia eta kontsumo ohiturak. Ikusi, bestela, eskaini dizkigun funtzio eta aukerak kontuan hartuta, urteen poderioz izan duen eboluzioa. Web 1.0 ezagutu genuen lehenik, web 2.0 etorri zen gero, eta aditu asko web 3.0 delakoan pentsatzen ari dira. Bigarrenean murgilduta gaude une honetan, eta web 2.0 fase horretan sortu dira sare sozialak. Gure emozioak beste modu batean azaleratzeko aukera eman digute, alegia, gure artean komunikatzeko beste modu bat eskaini digute sare sozialek. Baina esan beharra dago denbora-pasa izatetik profesio izatera pasa direla. Bada, etorkizun oparoa izan dezatela espero dugu! Web 1.0, web 2.0 eta web 3.0 Lehen esan bezala, sortu zenetik gaur egun arte zenbait fase izan ditu Internetek: web 1.0, web 2.0 eta web 3.0. Lehenengo fase hartan informazioa jaso besterik ez genuen egiten; web-orrialdeak finkoak ziren eta ez zuten elkarreraginerako aukerarik ematen. .0 fasean, aldiz, bi noranzkoko komunikazioa da protagonista nagusia. Blogen boomaren eta Wikipediaren sorreraren ondorioz hasi zen web 2.0, 2000. urtean- edo. Ohiko komunikabideek ez bezala, nolabaiteko boterea eman ziguten blog haiek: edonork edozer aireratzeko ahalmena. Eta, bestalde, munduko entziklopedia aske famatuenak web 2.0ren filosofiaren oinarriak finkatu zituen. Hau da, sortu eta partekatu. Eta, espero zen bezala, sarearen eboluzioak aurrera darrai; ez dauka gelditzeko batere asmorik, eta aditu asko etorkizuneko web 3.0n lanean ari dira. Ezer gutxi dakigu, oraindik, hirugarren fase horretaz: azkarra, “smart”, izango dela, eta gure asistente pertsonal gisa jokatuko duela. Sare sozialak Lehen aipatu dugunez, web 2.0ren epizentroan murgilduta daude sare sozialak. Seguruenik guztiok ezagutzen ditugu Facebook, Twitter edota Instagram kontzeptuak. Dozenaka eta dozenaka daude, eta batzuen erabilera ezezaguna zaigun arren, ia guztiak ezagutzen ditugu. Horiek, sare sozialek, osatzen dute hein handi batean web 2.0. Teknologiaren historiari begirada bat emanez gero, gauza harrigarri honetaz jabetuko gara: sare sozialekin konparatuz, beste ezerk ez du hain denbora gutxian horrelako arrakastarik izan. Datu batzuk emango ditugu: 38 urte behar izan ditu irratiak 50 milioi entzule izateko; 13 urte besterik ez telebistak, ikus-entzule kopuru bera izatera iristeko; 500 milioi jarraitzaile lortu ditu Facebookek, zazpi urteko tartean; eta irakurle gehiago ditu Twitterrek, gaur egungo Estatu Batuetako egunkari garrantzitsuenek baino. Nola erabiltzen ditugu sare sozialak? Desberdinak gara gure artean eta, era berean, desberdinak dira gutariko bakoitzaren portaerak. Bada, horixe bera gertatzen da sare sozialetan ere, hau da, ez ditugu modu berean erabiltzen. Beraz, sailkatu egingo ditugu erabiltzaileak; jokaeraren arabera lehenik, hori baita sare sozialen erabiltzaileak sailkatzeko modurik ezagunena. Sortzaileak ditugu lehenengo postuan; edukiaren zati handiena beraiek sortzen dute. Esate baterako, blogak idazten dituzte sortzaileek, Wikipedian artikuluak idazten dituzte eta Youtubera bideoak igotzen dituzte. Kritikariek, aldiz, eduki horri guztiari erantzuna ematen diote: blogetako postetan iruzkinak egiten dituzte eta Wikipediako artikuluak editatzen dituzte, besteak beste. Badira informazioa bildu eta zabaltzeaz soilik arduratzen direnak ere; bildumagile izena hartzen dute horiek. Lagunkoiek besteekin komunikatzeko erabiltzen dute sarea. Ikusle direnek, kontsumitu kontsumitzen dute sarean dagoena, baina ez dute elkarreraginik sortzen. Eta pasiboak sarearen mundutik erabat kanpo bizi dira. Sare sozialen erabiltzaileak sailkatzeko modurik ezagunena ezagutu berri dugu, baina interesgarria izan arren, ez da hori sailkapenik erabiliena. Kantitateak dauka garrantzirik handiena une honetan –zenbat aldiz konektatzen garen–, eta horri eutsiko diogu, beraz. Lehenik eta behin, askotan konektatzen baina ikusle gisa aritzen direnak ditugu: voyeur izenaz ezagutzen dira. Pasiboak oso gutxitan konektatzen dira eta, gainera, aurrekoek bezalaxe ez dute elkarreraginik sortzen. Noizbehinka konektatu, baina egiten duten bakoitzean parte hartzen dutenak ere badira –noizbehinkakoak–. Eta baita askotan konektatu eta asko parte hartzen dutenak ere: jarraitzaileak dira laugarren eta azken horiek. COMMUNITY MANAGERRAREN IRUDIA Community managerraren definizioa Community managerraren irudia orain dela urte gutxiko kontua da. Izan ere, sare sozialak, gutxi gorabehera, orain dela hamarkada bat sortu ziren. Hauxe dugu, une honetan, comunity managerraren definiziorik mamitsuena: esparru digitalean, enpresaren edo entitatearen eta bezeroen arteko harremanak egin, mantendu eta handitzeaz arduratzen den pertsona. Horretarako, enpresaren edo entitatearen plan estrategikoan oinarritzen da eta baita, noski, bezeroaren beharretan ere. Marketing eta Komunikazioaren Sailean aurkituko dugu community managerra, social media plana delakoan buru-belarri. Community managerraren funtzioak Entzutea, erantzutea, jakinaraztea, lotzea eta elikatzea. Horiexek dira community managerrak betetzen dituen funtzioak, eta banan-banan behatuko ditugun arren, elkarrekin lotuta daudela ikusiko dugu: Entzun: denetan garrantzitsuena berau, sareak eskaintzen dizkion tresnak – blogak, foroak eta beste– erabiltzen ditu community managerrak kontsumitzaileek enpresa/entitate edota markaz esaten dutena jasotzeko. Gure jarraitzaileek diotenari kasu egin behar diogu, eta baita konpetentziak dioenari ere. Erantzun: azkar eta egokiro. Jakinarazi: alde batetik, sarean enpresaren/entitatearen ahotsa da comunnity managerra eta, bestetik, sarean bildutako enpresaren/entitatearen gaineko informazioa lankideei helarazten die. Lotu: lehen esan bezala, community managerrak sareak eskaintzen dizkigun tresnak erabiltzen ditu eta, horrez gain, pertsona eraginkorrak aurkitzen saiatzen da. Zertarako? Pertsona eraginkor horiek enpresa/entitate edota markarekin lotzeko. Elikatu: entzuten, erantzuten, jakinarazten eta lotzen jarraitu. Community managerraren gaitasunak Komunikatzaile ona izan behar du comunity managerrak. Hau da, enpresa ondo ezagutzeaz gain, informazioa sarean zehar zabaltzen trebea izan behar du. Era berean, sarean enpresaz/entitateaz esaten dena lankideei helarazteko gai izan behar du. Komunikatzaile ona bai, baina garrantzitsua da hau ere: enpatiaz jardutea, bezeroaren lekuan jartzea. Adibidez, guztiok izango dugu gogoan Ikearen iragarki hura: familian afaltzea zein ederra den erakutsi ziguten, modu hotzean sukaldea bera eta bertako tresnak erakutsi beharrean. Batzuetan, egoera korapilatsuei aurre egitea tokatuko zaio community managerrari: esamesei, irainei eta bestelakoei. Beraz, horrelakoetan lasai egoten jakin beharra dauka, enpresaren/entitatearen edota markaren ordezkaria delako. Originala ere izan behar du, noski. Eta baita aktiboa eta kuxkuxeroa ere, bezeroari zer interesatzen zaion jakitea oso garrantzitsua delako. Eta, azkenik, bere lanaz maiteminduta egon behar du, izan ere, lehen esan bezala enpresaren/entitatearen edota markaren ordezkaria da community managerra. Zenbait lanpostu eta zeregin Enpresa/entitate gehienetan pertsona bakarra guztiaz arduratzen den arren, ikusiko dugunez, profil desberdinak daude eta bakoitzak bere lana burutzen du –eta elkarren osagarri dira, noski–. Social media editor izenaz ezagutzen dena, adibidez, edukia aukeratzeaz arduratzen da lehenik, egoki eta zuzen idazteaz gero, eta sare sozialetan zabaltzeaz hirugarrenik. Social media manager delakoarekin batera egiten du lan. Comunnity managerrak, berriz, komunitatea gestionatzen du. Hau da, sare sozialak etengabe lanean mantentzeaz arduratzen da, bezeroen beharrak antzeman eta lankideei helarazteko. Community managerrak ere social media managerrarekin batera lan egiten du. Gorago aipatu dugun social media managerra –social media strategist izenaz ere ezagutzen da– social media planaz arduratzen da, hau da, sare sozialetan erabiliko duen estrategiaz. Horretarako, bezeroaren beharrak zeintzuk diren esango dio community managerrak; social media editor delakoarekin batera edukia aukeratzeaz arduratuko da; eta jarraian ikusiko dugun social media analyst eta biek, helburuak lortu ote dituzten aztertuko dute. Azkenik, social media analyst kargua duenak sare sozialetan egindako lana aztertzen du, hau da, helburuak lortu diren ala ez. SARE SOZIALIK ERABILIENAK Facebook Gaur egun munduko sare sozialik erabiliena da Facebook. Jarraian ikusiko dugun bezala, oso aproposa da, alde batetik, enpresaren/entitatearen orrialdearen bitartez bezeroekin konektatzeko eta, bestetik, taldeen bidez bezeroak fidelizatzeko. Profila, orrialdea (fan page) eta taldea ditugu Facebooken. Lehenengoaren kasuan, pertsonok soilik eduki dezakegu profila. Modu pertsonalean erabiltzen dugu, eta gehienez 5.000 lagun izan ditzakegu. Orrialdea, aldiz, marketingera bideratuta dago eta enpresek/entitateek erabiltzen dute. Hori bai, profila izatea ezinbestekoa da, eta orrialde bakoitzak administratzaile bat edo gehiago izan ditzake –administratzaile bakoitzeko, profil bat–. Eta, hirugarrenik, zaletasun antzekoak dituztenen profilak taldeetan batzen dira. Talde irekiak eta talde itxiak daude, eta hauek ere administratzaile bat edo gehiago izan ditzakete. Beraz, orrialdea da enpresa/entitate batentzat marketing tresnarik egokiena eta, horrenbestez, puntu garrantzitsu gutxi batzuk azaltzen saiatuko gara. Azaleko argazkia, adibidez, oso garrantzitsua da eta ongi zaindu behar da. Erabat debekatuta daude gisa honetako argazkiak: “% 30eko deskontua betaurreko guztietan”, “Irabazi iPad bat” eta telefono edota helbideak. Bestalde, egunean behin argitaratzea gomendatzen da; sare sozialetan presentzia izatea garrantzitsua da, baina, kontuz bezeroak nazkatu gabe. Eta, bukatzeko, eskaintzak, argazki edota bideoak, galderak, ekitaldiak, inkestak eta tankera horretako argitalpenak dira bezeroarengan interes gehien pizten dutenak. Twitter Sare soziala baino gehiago, hedabidetzat daukate askok Twitter. Izan ere, oso tresna baliagarria da une oro munduan gertatzen ari denaz informatuta egoteko. Jakin badakigunez, gehienez 140 karaktereko testuak idazten dira, eta argazki nahiz bideoak ez dira maiz ikusten. Bi erabiltzaile motak parte hartzen dute Twitterren: alde batetik, followers edo jarraitzaileek zure profila jarraitzen dute, eta, bestetik, following edo jarraituak zuk jarraitzen dituzun erabiltzaileak dira. Lehen esan bezala, gehienez 140 karaktereko testuak idazteko aukera ematen digu Twitterrek, baina, horrez gain, baita retweet egiteko aukera ere. Hau da, beste erabiltzaile batek idatzitako tweeta berriz argitaratzean datza. “@” eta “#” ikurrak ere, Twitterren bereizgarri dira. Tweet batean erabiltzaile bati erreferentzia egiteko balio du lehenengoak (@aitziber), eta bigarrenak, aldiz, tweet bat talde konkretu batean sartzeko (#AHTgelditu). Azkenik, Facebookek eta Instagramek bezala, Twitterrek ere mezu pribatuak bidaltzeko aukera ematen du. Hori bai, beste tweet guztiek bezalaxe, ezin dute 140 karaktereko muga gainditu. Instagram Ordenagailuaren bidez ikus dezakegun arren, telefono mugikorretik erabiltzen den aplikazioa da Instagram. iPhone aparatuetan App Store-etik deskargatzen da eta Android aparatuetan, berriz, Google Play-etik. Hipsters direlakoen sare sozial gisa sortu zen, eta, gaur egun, hiri-tribu guztien artean sare sozialik erabilienetariko bat izatera iritsi da. Izan ere, argazkiak eta bideoak dira Instagrameko protagonistak, eta, jakin badakigu, irudiek hitzek baino gehiago erakartzen dutela. Erabiltzeko oso erraza da, baina, bi hitzetan bada ere, Instagramek nola funtzionatzen duen azalduko dugu. Lehenik eta behin, telefono mugikorrarekin argazki bat aterako dugu. Lehen esan bezala, irudia oso garrantzitsua da, beraz, aplikazioak berak eskaintzen dizkigun erremintak erabiliz, argazkia “politago” jarriko dugu ondoren. Eta, hirugarrenik, gure profilean argitaratuko dugu, gure jarraitzaileek ikus dezaten. Gainera, momentuan bertan argazkia beste sare sozial batzuetan partekatzeko aukera ematen du Instagramek; Facebooken eta Twitterren, esate baterako. Eta, Twitterren bezalaxe, Instagramen ere bereizgarri dira “@” eta “#” ikurrak. Kasu honetan, erabiltzaile bat argazki batean etiketatzeko balio du lehenengoak (@aitziber), eta bigarrenak, aldiz, argazki bat talde konkretu bati lotzeko (#AHTgelditu). Hootsuite Sare sozialekin harreman estua badu ere, Hootsuite ez da sare sozial bat, hainbat sare sozial aldi berean gestionatzeko erreminta baizik. Beraz, esate baterako, Facebookeko eta Twitterreko erabiltzailea bazara, bi kontuetan batera argitaratu ahal izango duzu. Gainera, zerbait argitaratzerako orduan, eguna eta ordua programatzeko aukera ere ematen du. Hori benetan lagungarri suerta dakiguke lan askorekin gabiltzanean, asteburuan, oporretan eta, orokorrean, sare sozialei kasu egiteko denborarik ez dugunean. JARDUNBIDE EGOKIAK SARE SOZIALETAN Nola idatzi Garbi dago edukia bera, sare sozialetan idazten dugun hori, oso garrantzitsua dela. Hau da, interesgarria edota baliotsua ez den oro baztertu egin behar dugu. Baina, edukia bezain garrantzitsua da idazten duguna ongi idaztea: paperaren gainean idazten dugunean egiten dugun bezalaxe, sare sozialetan ere zorrozki zaindu beharrekoak dira gramatika eta ortografia. Eta, horrez gain, hona hemen sare sozialetan egoki idazteko aholku batzuk: Beti, eta beti, hizkera hurbila erabili. Gure enpresa edo entitatearen marka serioa den arren, komunikazioak ezin du hotza izan. Sare sozialetako komunikazioa bi noranzkoa da eta, ondorioz, atseginak izan behar dugu. Idazten dugun hizkuntzan idazten dugula ere, zuzen idatzi. Lehen esan bezala, gramatika eta ortografia bereziki zaindu behar dira baina, horrez gain, ez dugu ez laburdurarik ezta letra larririk erabiliko –maiuskulak erabiltzeak garrasika ari garela esan nahi du–. Pentsatu ongi idatzi baino lehen, eta baztertu desatsegina izan daitekeen oro. Oso garrantzitsua da, bestalde, emozioak ahalik eta ondoen nabarmentzea. Batzuetan gertatzen da, idatzi duguna besteek gaizki ulertzea edota justu lortu nahi dugunaren kontrakoa lortzea. Beraz, ongi pentsatu idatzi nahi dena, baita nola idatzi ere. Eta, behar izanez gero, erabil itzazu emotikonoak, emozioak azpimarratu ahal izateko. Konplizitatea edo ironia adierazteko, adibidez, oso aproposak dira. Estekak eta aipuak, guk uste baino baliagarriagoak dira. Esker oneko pertsona eta zintzoa izatea zein gauza ona den! Bada, baita sare sozialetan ere. Zabaldu eta partekatu besteena, baina sekula ez norena den jarri gabe. Berak eskertuko dizu, eta zuk ere atera diozu dagoeneko horri probetxua. Originala izan, eta argitalpena deigarria izan dadila. Berriz idatzi, ez borratu. Desegokia den zerbait idatziz gero, ez zaitez larritu. Borratu ordez, berriz idatzi barkamena eskatuz, eta desegoki idatzitakoa zuzendu. Izan ere, gogoratu, edukiak ziztu bizian zabaltzen dira sarean zehar. Baita gaizki idatzitakoak ere. Zaindu posizionamendua: hitz klabeak erabili, Google-eko bilaketan lagungarri suerta daitezkeelako. Betiere modu naturalean, noski. Nola etiketatu Zurea ez den argazkiren bat erabiltzen duzunean, beti, beti eta beti nondik atera duzun jarri behar duzu. Argazkiek egile-eskubideak dituzte, hortaz, egokiena nondik atera duzun eta esteka jartzea da. Esatekorik ez baduzu, hobe ezer ez esatea. Eta zerbaitekin ados ez bazaude, moduak eta moduak daude zure iritzia emateko. Izan ere, gogoratu, sarean idatzitakoa hortxe geratzen da bueltaka. Interesgarria dena soilik eskaini. Egunero blog berriak sortzen dira; zein da bat edo beste jarraitzeko arrazoia? Komentatu, komentatu eta komentatu. Asko gustatu zaizun post bat irakurri baduzu, esan iezaiozu egileari. Idatz iezaiozu iruzkin bat eta, alde batetik, asko eskertuko dizu eta, bestetik, zure burua ezagutzera emango duzu. Aukera ona izan liteke hori zure web-orrialdearen esteka bertan uzteko. Disimuluan, noski. Berbarik onena, laburrena. Beraz, kontuz jarraitzaileak nazkatu gabe. Saiatu posta elektronikoa egunero begiratu eta erantzuten. Ezinezkoa bazaizu, jakin erantzun automatikoa erabil dezakezula. Arnas pixka bat hartzen lagunduko dizu horrek. SOCIAL MEDIA PLANA Zer da social media plana? Horretxekin hasiko gara lehenik, hau da, kontzeptuaren definizioarekin. Eta jarraian sakon azalduko dugun arren, hauxe da, bi hitzetan, community managerrari horren baliagarri zaion social media plana: enpresak/entitateak sare sozialetan gauzatuko duen estrategia biltzen duen dokumentua. Edozein enpresatako/entitatetako edozein social media planetan prozesu zikliko bera erabiltzen da beti. Hiru dira eman beharreko pausoak eta, esan bezala, zikloa behin eta berriz errepikatzen da: AMIA analisia  online marketing plana  emaitzen ebaluazioa. Aukera, mehatxu, indargune eta ahulezia hitzez osatutako akronimoa da AMIA – jatorrian ingelesez SWOT (Strength, Weakness, Opportunity and Threat)–. Eta, enpresaren/entitatearen ingurune lehiakorra bi ikuspuntutatik aztertzean datza: barne elementuak, batetik, eta kanpokoak, bestetik. Barne analisian, enpresaren/entitatearen indargune eta ahuleziak aztertzen dira. Indarguneen kasuan, enpresari/entitateari bere helburuak lortzen lagun diezaioketen barne faktore positiboak dira, eta galdera hauei erantzunez identifika daitezke: zer da ondoen egiten dakiguna? Besteengandik zertan desberdintzen gara? Eta ahuleziak, aldiz, enpresak/entitateak izan ditzakeen mugak dira: barne faktore negatiboak, alegia. Beraz, zer da hobetu beharrekoa? Edota, aldatu beharrekoa? Kanpoko elementuak aztertzerako orduan, berriz, enpresaren aukera nahiz mehatxuak hartuko ditugu kontuan. Hau da, aukera eta mehatxu moduan sailkatuak izan daitezkeen ekintza, gertaera eta joerak aztertzen dira kanpo analisian. Alde batetik, enpresak bere onurarako erabil ditzakeen kanpo faktore positiboak dira aukerak, eta horiek zeintzuk izan daitezkeen ezagutzeko galdera bi proposatzen dira: zeintzuk dira, une honetan, merkatuko joerak? Zeintzuk dira azken nobedadeak? Eta, beste alde batetik, enpresaren martxa ona oztopatu dezaketen kanpo faktore negatiboak dira mehatxuak. Horiek ekiditeko: zeintzuk dira enpresaren/entitatearen oztopoak? Zertan ari dira beste enpresak/entitateak? Behin AMIA analisia eginda, online marketing planean zentratuko gara eta bi eremu garatuko ditugu: esparru estrategikoa eta jokabide programa. Esparru estrategikoan, lehenik eta behin, helburuak zehaztuko ditugu: kualitatiboak bai –bezeroek gure enpresaz/entitateaz diotena jaso, behar berriak antzeman, fidelizatu eta abar, eta abar–, eta kuantitatiboak ere bai –besteak beste, salmentak gehitu eta bezeroak gehitu–. Bigarrenik, plan honetako bezero taldea zehaztuko dugu: adin-tartea eta sexua, gustuko dutena edota interesatzen zaiena, eta zein sare sozial erabiltzen duten. Hori guztia ongi baino hobeto zehaztea oso garrantzitsua da, izan ere, zenbat eta gehiago jakin orduan eta gehiago gerturatuko gara. Eta, hirugarrenik, kanpainaren iraupena, merkatuaren zabalkuntza eta erabiliko diren baliabideak zehaztuko ditugu. Eta jokabide programan, aldiz, kronograma zehaztuko dugu lehenik, hau da, eginbeharreko guztiak egutegi batean jarriko ditugu; sare sozialak puntu-puntuan jarriko ditugu gero; eta, azkenik, kanpaina bera abiaraziko dugu. Gogoratu, orain arte zehaztutako guztia ez dela aldaezina, eta gainera komenigarria dela beharren arabera berrikusi eta eguneratzen joatea. Bukatzeko, behin eta berriz errepikatzen den ziklo hartako hirugarren pausoari erreparatuko diogu orain. AMIA analisia eta online marketing plana garrantzitsuak dira, baina, ezer gutxirako balio izango lukete orain arteko guztiari erreparatuko ez bagenio. Beraz, ezinbestekoa da emaitzak ebaluatu eta analizatzea prozesu ziklikoan oinarritzen den social media planak eraginkortasunez funtzionatzeko. EPILOGOA Teoria xume hau lagungarri, egun batetik bestera community manager egin ez garen arren, galdera haiei guztiei erantzuna ematen saiatu gara behintzat. Baina apunte soil hauek diotena praktikan jarri ezean, ezer gutxirako balioko dute. Eginez ikasten baita. Zaletasuna eta pasioa ezinbestekoak dira mundu interesgarri honetan. Community managerrarena erabat bokaziozko lana dela. Hori ere aipatu dugu egunotan. Egin salto, beraz. Hartu benetan maite duzun gai hori, eta has zaitez lanean. Badakizu, afizioa ofizio izatera pasa daiteke, eta!
booktegi.eus ANJEL LERTXUNDI Hunik arrats artean Liburu hau Lur argitaletxeak plazaratu zuen 1970an. AURKIBIDEA HIZKETAN, ESPEROAN NI EZ NAIZ ZU HITZEZ HITZ SARGORIA PENTAGRAMA BAT OSATU EZINEAN BIZARDUNEN BIZARRA ETA LORETOKIAK NIRE LEHENENGO HITZALDIA MACONDO DUT GOGOAN, EDO BASABIZITZARI HIRUKOA LUISA JOSIAS HAADIS DEMONTRES HILTZEA MUNDUKO GAUZA ERREZENA DUK NERE HERRIARI HIRUKOA ZORTZI BRANKA AT JOATEN GARANEAN ORAINDIK MAITASUN ISTORIO BAT BETI GERTATZEN OHI DA HIL ZENEAN HAR EZAZUE EPILOGOTZAT GEHIGARRIA: Noizbait hasten baita GEHIGARRIA: 1970KO EDIZIOAREN SOLAPA HIZKETAN, ESPEROAN Inazio Mujika Iraolaren 2018ko hitzaurrea Bi gizon, ukalondoak barandan jarrita, itsasoari begira. Egun argia, arratsaldeko lehen orduak. Herri honetan askotan bezala, itsaso haserre baina geldi-geldia. Laño, Getariako balearaino. Getarian ez zegok balearik. Hik esango didak niri zer dagoen Getarian. Oteizak esaten zian: Herrira begira dagoen balea, eta ez itsasora nora ezean galduta doan sagua. Bueno Jorgek esaten bazuen, hala izango duk. Noiz dator Gargar? Bost axola niri Gargar eta Gurgur. Gainera, malekoian ez zegok barandarik, eta hemen gaudek ukalondoak barandan jarrita, itsasoari begira. Zenbat urte izango dira? Kreditu orriari begira, berrogeita hamar arrimatuak. Gutxi falta, urtebetetzerako. 1970eko ekaina. Hala ziok: Villa Zutik. Paseo Arbola, Donostia. Mereziko likek Villa Zutik (lurrean kondenatu…) eta bertakoei buruz zeozer idaztea. Saizarrek edo Urretabizkaiak idatzi zitean zeozer. Gehio. Bale. Berrogeita hamar urte, beraz, 2020an. Hori duk. Benta Haundikoa gertatu eta gero argitaratu zuan. Benta Haundikoa edo Adunakoa? Biak. Ordu gutxiko aldearekin gertatu zuan dena, ala? Burgoskoa baino lehenago, hala ere. Eta arrastorik ikusi al duk testuan? Gutxi. Hau behintzat ez zebilean Parisen 68an beste hainbat bezala! Zein, Andu? Andu hobeto zebilean, trenean aldamenean esertzen zitzaion neskarekin morreatzen. «Askotan gertatzen ohi dena da». Adarrik ez jo! Niri ez zaidak behintzat sekula gertatu! Orduko giroa eta jendea ageri duk, baina: Ez Dok Amairu, Galerías Barandiaran, Imanol Urbieta, Lete, Benito, etxekoneko Karl… Treverisko txikitoa? Hura eta bera. Paradisutik bota eta gaueko trena hartuta Altos Hornosen pioi sartu zena… 70ean argitaratu bazen, 68-69an idatzia behar dik. Hogei urtetxo! Guri-guria. Baina irakurria ere bai! Hori bai Gurgur eta Gargar, a ze enpatxoa! : Beckett, Joyce, Ionesco, Bertolt Brecht… Antzerki gehitxo aukeran. Nouveau roman… Bueno, Gabo ere irakurria zian, inondik ere, Cien años ez zekiat, baina Cándida Eréndira eta bai behintzat. Cándida Eréndira gerokoa duk, motel. Funerales de la Mamá grande izango zuan izatez gerotan. Europarrok magikotzat hartzen ditiagu kolonbiarrarentzat eguneroko kontuak direnak. Nolabaiteko absurdo-aire bat ematen zekik García Márquezek ere! Orduko euskal idazle gazte asko lan abanguardiazaleekin hasi zituan: Saizar, Sarasola, Urkizu, Atxaga, Andu bera… Eta antzerkitik hurbil denak ere… Anduri irakurri zioat Becketten Azken zinta antzeztu zuela gaztetan. Argazkia ere ikusi diat nik non edo han. Txukuna izango zuan, Krapp erremerrea. Ikusi al duk Harold Pinter paper hori jokatzen Youtuben? Ederra duk. Imajinatzen diat Andu Krappen rolean. Orain gainera karpetak ixten ari omen duk eta… Karpetak ixten? Andu? Ez sinistu deabruari onduko denik… Zentsura ere pasatu behar izango zian ba garai hartan… Ikusiko nikek gustura zentsorearen informea, bai horixe! Nik, muturra! Noiz dator Gargar? Inporta zaidak ba niri bost Gurgur izanda ere! Lehenengo ipuin liburu modernoa omen duk. Hala esan ditek, hala izango duk beraz… Aurretik ipuin modernoak bazeudek… Mirandek, Arestik, Txillardegik, Etxeparek idatziak… Baina libururik… apenas. Martin Ugalde. ‘Iltzalleak’. Joder! Beti izorratu behar duk borobiltasuna egia batekin!… Esantzak hemen ez zela ezaguna: Venezuelan atera zian. Lehena izateak hala ere… Debile principium… Melior fortuna jarraitu ziok, ezta? Hain debile ere ez duk, gainera… Zaila egiten duk gaur irakurtzea. «H» bat ez zegok bere lekuan eta! Bueno, hori duk gutxienekoa! Horko «joanen» eta ekialdeko futuroaren marka, baita ezin denean ere… Horko aditz giputz inposibleak… Joder, artean Arantzazuko batzarra bukatu zela bi urte ere ez zituan eta! Tira, Anduk «h» bat bere lekuan jartzen oso berandu ikasi dik! Bai, baina ikasi egin dik, azkenean! Beti brometan ibiltzen duk, baina gutxi egongo dituk hura bezain soldadu zintzoak horretan. Orain berehala harrapatuko duk «h» bat gaizki jartzen! Ba!, horrek ez dik inportantziarik gaur egun... Xuxenekin eta... Horrek inportantzia dik beti, hala iruditzen ez bazaik ere! Hizkuntzaren duintasunagatik besterik ez bada! Gargar etorriko balitz, hala ere, hark jarriko likek diziplina! Hark ere atzean zuloa, zera... Kontua da behintzat edizio hau zuzendua dela. Ez gauza asko, «h»ak bere lekuan, erakusleak batuan jarrita, aditz giputzik ez... etc. Baina orduko ohitura asko eta errespetatuta. Eta irudipena zeukaat, orduko erreferentziak gorabehera, ondo funtzionatzen duela. Halako aire arroztu bat ematen ziok hizkuntza horrek… erakargarria. Hunikeko bi ipuin jaso zitian Anduk berak hamar urte geroago Aiserako, ezta? Bai, eta ezin esan daitekek aukera txarra izan zenik (“Sargoria” eta “Hiltzea munduko gauza errazena duk”); baina bazeudek gehiago: “Bizardunen bizarra eta loretokiak” jeniala duk. Niri “Bertzeak bezalako” gustatzen zaidak: «lau ukalondo eta hiru gizon» baranda gainean. Zer kasualitatea, gu bezala. Gu bi gizon gaituk... Baina Gargar datorrenean... Hura ez zetorrek honezkero. Larri ibili. Ilunbista duk. Harentzat okerrago! Harentzat edo beretzat! Etzak adarrik jo eta begiraiok horri. Horri, zeini? Zeri… Urturiri noski. Ez al duk hor ikusten, itsaspean… Oraindik itsaspean! Bueno, eta geratzen zaiona… Hemen agertzen duk aurreneko aldiz. Ez nauk harritzen gero ajea izatea! Hemengo Urturi gainera Hurturi duk. Tira, edizio berrian kenduko ziotean hatxea. Zertako? Euskararen Iraultzaren ikurra zuan! Hurturi. Jarri egingo zioagu: Ajea du Hurturik! Baita nik ere! «Hurturi lokatzetan hondoratutako zortzi edo hamar etxek osatzen zuten herrixka bat zen». … «Nik ez diat bizitzarik. Ni orain nauk. Bihar ez nauk izanen. Atzo ez ninduan. Eta orain, ibaian dauden izarrak ikusten ari den gizon bat nauzue. Bai, horixe! Izarrak ikusten ari den gizon bat». Nahi dutena esango ditek, baina poeta bat duk Andu! No jodas! Eta inor konturatu gabe? Kritikorik eta, esan nahi diat! Poeta bat eta gutxi bezalakoa! Baina ez horregatik bakarrik. Hartu “Sargoria” eta irakurri. Eskerrik asko! Hartu “At joaten garenean” eta irakurri, mila esker. Sarasolak orduan ere begia! Sarasolak begia jartzen duen lekuan… Harena duk orduan solapa? Kontuz… Hegala! Bueno hegala… «Euskal ipuin antologia batean ez lirateke ahantzi behar». Hala ziok. Hiru ipuin aipatzen ditik. Bazeudek gehio… «Adibidez» esaten dik… Bale, hura eta hi, biak etxerako! Begira, begira ibaian, ilargiaren isla… Ibaian?, baina itsasoaren aurrean ez al gaude ba? Barandarik ez genian eta barandan kontra gaudek… Ibaian, itsasoan… barandarekin edo gabe, zer axola du? Kontua duk angulak balira bezala ikusten direla… Hi ere ez haiz poeta makala! Gargar datorrenean ikusiko duk! Hark jarriko ditik gauzak garbi! Bai, Gurgur!, hark aterako zizkiguk eltzetik babak! Azala ere ederra dik ba liburuak… M.C. Escher. Esana zegok dena! Alberto Corazónena ez den azal bakarra izango duk LURen. Bueno, hark egokitua bai behintzat… Bisiguak izango dituk horiek. Edo antzarak… Norberak zer ikusten duen… Nik, bisigua. Nik, antzara. Komunikazioaren eta inkomunikazioaren metafora bat. Ixilik egon hadi! Zeren metafora izango duk bisigua eta antzara? Estilo eta forma anitzena. Hori ere badiagu!… Autorea Oriokoa dela ari duk esaten! Bueno, hi, etxera ere joan beharko diagu, hontara ezkero? Hik esaten baldin baduk… Gauza bat gelditzen zaidak… Zer… Izenburua nondik atera du? Anduk beti izan ditik aintzat euskal klasikoak! Zein esaterako? Axular aipatua zegok behintzat liburuan! Axularrena al da? Joannes Etcheberry Ziburukoa. Manual Devotionezcoa. Ño! Otoitz bat duk arrantzaleek eguerdian egitekoa. Jainkoari beharrean, Anduri berari esateko ez zegok gaizki: «Egiguzu gehiago hunik arrats-artean/ zure faboreak diren gu gaxoen gañean». Alferrik, karpetak ixten ari bada… Onduko denik ez sinistu Akilimarrori…! Ala, goazemak… Eta Gargar? Jango dik mehe! Inazio Mujika Iraola 2018ko maiatza PRESENTAZIO GISAN Garai haietan azazkalak jaten ez dituzten gizonak sortuko nituelakoan nengoen. Arotzak egurra landa eta bankeroek denoi lagundu: Hau zen nire politikaren helburu nagusiena. Zein gaitza den ideien iturrietaraino joatea! Ziur nengoen: Errezilgo baserritarrak ez zihoazen bide onetik, baina egun ondo dakit gure bideak ilunak badira, areago direla etorkizunak eta zelai guztietako belarrak. «Sonetoak ez dira euskaldunak, eta nik ez dakit sonetorik egiten» idatzi nuen behin kontzientziaz jantzirik eta arrazaren maitasunez. Baina ez nintzen logikoa izan. Silogismo bat egin behar eta «nik euskaldun den zerbait egin nahi dut; zortziko txikia euskalduna dut. Has nadin zortziko txikiak idazten». Baina hau silogismo jator bat delarik ere, ez da oso logikoa bizitza beste eratako logikaz mugitzen baita. Do-re-mi-fa-sol-la-si... do... re; abesten oso ondo omen dakigu euskaldunok, baina oso eskala eskasa betetzen dugu. Ondo kantatzearen mitoa pasa dela uste dut, eta egun asko hitz egitearen mitoa iritsi. Honelaxe gabiltza bata bestearen aurka. Denak espiralera jotzen du. Ertz bat beste ertzarengandik urrutiratzen dihoakio eta ez dira behin ere elkartuko. Armiarma-sare handi bat eginen da, eta han itoko bere bizitzan zehar armiarmak itotzen ahalegindu zirenak. Lurperaturik bizitzea merezi dugulakoan nago, ezkonduz gero semerik izan ez edota labean berotutako neurri handi, ikaragarrizko argizagi bati su handi, ikaragarri bat eman betiko iraun dezan gure bekatu astunenak erretzen. Hil al gara? Ez dugu gehiago ogirik izanen. Eskolastikoak, kondairazaleak eta estrukturalistak itsasora erori dira auto borobil batean borobilduta. Hemen gaude, itsasoaren bekatu-zulo batean, pentsaera-ekintza bikotea, bizitzaren samina, aingeruen, pipiza eta atomoaren puskatzean aztertu nahian. Zer eginen zeniezaioke zuk, hau irakurtzen ari zaran zuk, gosea izateko eskubidea eta askatasuna kendu dizkizun gizon bati? Nik, soka batean zintzilikatu, bitartean ni zintzilikatzen ez banaute. Demagogia. Bai, eta zer? Hauxe da nik esaten dizuedana: Beltzekerietan eta dolarretan alferrik galdutako indarrak mila harmaza lehen eskuetan erortzen direnean entzunen dira siku Marquezko Lezamak zuzendutako bizkarren oihua. Platerean dago okela aho-zulo baten zain, baina olio gehiegi dauka amets honek, gatza gehiegi hamalau tristeziaren negarrak. NI EZ NAIZ ZU «Zu izan zara eta izanen zara euskaldunen ohorea, habea, jabea, sostengua eta kantabres fina, naturala eta egiazkoa.» Axular. Gero. Ez dut Eskritura Santuan irakurri. Ezta ere gure adiskide baten liburu gorrian. Gaur esan behar dudana bihotzaren burutik irteten zait: Ni ez naiz zu. ni oso argia naiz, ni poeta naiz, ni borobilak dituen bat, prakaduna, eta, horregatixe, sexudun. Ni jainkoa naiz. Olerki konkretua eta sasi-bihotzak. Baina goazen, gurdia bere bidetik atera gabe. Nor da ni eta nor zu? Nor ilargi eta nor eguzki? Nor prakadun, nor gonadun? Guztien burutan ni naiz hori dena. Ni naiz ni eta zu. Ilargi-eguzki prakadun eta gonadun. Eta zu ez zara ni. Zu zara herria, langilea, gosetia eta mila problema. Zu zera hau, hori eta hura. Inor ez. Eskritura Santuak eta nire adiskide baten liburu gorriak nire aurka badoaz ere, ni ez naiz zu. Nire autonomia oso sakratua da. Nire amarengandik ihes egin nuenean, zilborreko soka moztu zidatenean, urrutiratu egin nintzen. Bost apaiz ziren jatorrak, Rikardo zen jatorra, hango langileak ziren jatorrak, baina, konpreni ezazue, ez gara behin ere haiek eta ni zilbor-sokaz lotuta egon. Atzo denak Joxe Mari ziren. Ohitura omen zen eta parrokietako akta guztiak «Joxe Mari» aspergarriez beteta daude: «Hil honen 34an Joxe Mari jaio zen. Aitaren izena: Joxe Mari. Amarena: Maria Joxe. Jainkoaren izenean izenpetzen du Joxe Mari apaizak.» Gaur alderdia aldatu da. Gaur izenak ez duela garrantzirik eta denek(?) zerbait dute beren izen. Ez da Parrokietako aktetan idazten den izena beste eratako aktetan baizik. Hona hemen, bat: «Hil honen Oan XXek hau egin du. Nik, nire alukeriak ematen didan eskubidearen izenean, XX afiliatu egiten dut eta ............ [Ipini norberak nahi duen afiliazioa] deitzen. Ezin dut izenpetu.» Akta honetan ez da aztertzen XXek zer egin duen, ez baita beharrezko zer egin duen jakitea, zerbait egin ote duen baizik. Hala bedi konpli: Ni ez naiz zu. BERTZEAK BEZALAKO Igandeko lana galdu zuenetik ez zen bere buruaren jabe. Hiri hura handiegia zitzaion, hiri egokia bere burua galtzeko. Ibai gainean, hiru zubi. Bi mila karrika. Berrogei baino pisu gehiagoko milaka etxe. Joxe galduta zegoen. Beraren lagunak ere bai. —Gogoratzen al zarete txikitan ikasitako gauza haiez? Karpoa, metakarpoa... Baina ni, ez behatz, ez beso gelditu nauk. Gezurra duk txikitan ikusitakoa. —Zer egin behar dugu? —Goazen! —Oso ondo gaudek hemen. Eta nik, idazle bezala, haiek aitortzera ausartzen ez ziren gauzak adieraziko dizkizuet. Ibaia oso ederra zela. Gau hartan nire lagunek izarretaraino joan nahi zutela... eta izarrak ibaian irribarrez zeudela. —«Besorik gabe ez duk ezertarako balio. Indar gehiago behar duk». Esan zidak. Besterik ez. —«Ez duk lan hontarako balio. Alde egin ezak lantokitik». Esan zidak. Besterik bai: «Joan hadi eta ez honat gehiago hurbil». —Ni ez nauk saiatu. Zertarako? Besterik ez eta besterik bai. Hor non dagoen zuen arazo guztia. Baina ni, zorionez, besterik bai edo besterik ez gabe gelditu nauk. —Zer egin behar dugu? —Mila problema zauzkat. —Bai, goazen! Baina toki berean jarraitzen zuten. Ukalondoak barandaren gainean. Lau ukalondo eta hiru gizon. Ibaira begira, izarrak ikusten... irribarrez. —Zergatik ez dugu bizitzaz zertxobait esaten? —Baina besterik gabe. —Has hadi. —Behin omen ninduan... ni, presaka jaiotako gizaki bat. Amaren sabeletik, gizaki. Gixaki, aitak zionez. Eta, geroztik, harat joan, honat etorri, hemen naukazue. Edozertarako prest ezertarako balio ez dudalako. —Nik ez diat bizitzarik. Ni orain nauk. Bihar ez nauk izanen. Atzo ez ninduan. Eta orain, ibaian dauden izarrak ikusten ari den gizon bat nauzue. Bai, horixe! Izarrak ikusten ari den gizon bat. —Ba, nik... oso bizitza luzea diat. Banian aita. Joxe... ni bezala. Ama ere bai. Ez diat bere izena gogoratzen. Nik lau urte nituela hil zuan. Ez diat gogoratzen baina bere bularrak bai, oso ondo gogoratzen dizkiat. Ez nizueke esanen zelakoak ziren baina bai... begien aurrean zauzkat. Andregai bat izan nian hamabi urterekin. Beste bat hamalaurekin. Hortik aurrera beste asko izan nizkian. Ez nizkian behin ere ukitu baina nire ametsek zerbaiterako balio zitean. Bitartean beste biak astronauten itxura hartu, izarren inguruan harat eta honat igeri. —Zerbait izan diat nire bizitzan. Orain arte zuek ere izan zaituztet. Orain arte. HITZEZ HITZ antzezlariak: LUM.— Hogei eta hamar urteko mutila. MILIA.— Hogei eta hamar urteko neska. LUK.— Polizia. KILIA.— Poliziaren emaztea, polizia. Antzeztokia. Alde batean beribil zahar bat. Bestean, moto zahar bat. LUM.— (Beribil zaharretik) Milia, hatoz! Arratoi bat ikusi dut beribilean! MILIA.— (Motoaren gainean bizkortasun handian joanen balitz bezala. Ahoarekin motorraren burrunba antzeztuko du) Bruuuu... Bruuuu... Bota ezazu kanpora eta nik berehala zapalduko dut nire motoarekin. Bruuuu... Bruuuu... LUM.— Zatoz, mesedez. Ezin dut beribiletik at jaurti. Zure beharra dut. Gainera... beldurra ematen dit. MILIA.— Bruuuu... Bruuuu... Zaude isilik nik motoa gelditu arte. Frenoak oso txarrak dauzka. (Gelditu balitz bezala) Banoa. (Beribilean sartzen da. Lumek besoetan hartu eta muxuka bizian hasiko da). E, e. Ni arratoia hiltzera etorri naiz. (Lumek muxuka jarraitzen du) Ongi dago. Ez naiz zure arratoiak hiltzera gehiago etorriko. (Milia ere muxuka hasten da). (LUK eta KILIA esker-eskubitik azalduko dira. Biak eskuetan makila bat dutelarik. Autora hurbiltzen dira) LUK.— Ez al zenekiten. KILIA.— muxuak eta besarkadak LUK.— hiri honetan KILIA.— galarazita daudela? LUM eta MILIA.— (Biak batera) ez genekien. LUK.— Ez al zenekiten KILIA.— hori jakitera LUK.— behartuta zaudetela? LUM eta MILIA.— (Lehen bezala) ez genekien. LUK.— Lehendabiziko legea: KILIA.— behar-beharrezkoa da. LUK.– gaur emanen ditugun KILIA.— lege guztiak LUK.— jakitea. Bigarren legea: KILIA.— Debekatuak daude LUK.— bai alde batetik KILIA.— bai bestetik LUK.— muxu eta besarkada guztiak. Hirugarren legea: KILIA.— Bi lehenengo legeak LUK.— betetzen ez dituena KILIA.— behartuta dago LUK.— emakume bada, gizon-polizia batekin KILIA.— gizon bada, emakume-polizia batekin LUK eta KILIA.— (Biak batera) egin behar diren gauzak egitera. (Luk eta Kiliak hauek denak esaten zituzten bitartean Lum eta Milia negarrez eta zotinka hasiko dira. Baina negar eta zotinak hobe mimo-itxuran badira.) LUK.— (Paper batean zerbait idazten du eta Miliari ematen dio) Hona hemen nire zuzenbidea. Zain egonen naiz gaueko hamarretan. Etortzen ez bazara zigor hau izanen duzu: Alegia, ez duzula gehiago gizonik ikusiko. KILIA.— (Paper batean zerbait idazten du eta Lumi ematen dio). Hona hemen nire zuzenbidea. Zain egonen naiz gaueko hamarretan. Zigor hau izanen duzu etortzen ez bazara: Alegia, ez duzula gehiago emakumerik ikusiko. LUM.— Arratoiak harrapatzen ari ginen. Bai, arratoiak harrapatzen. MILIA.— (Lum besotik helduta). Arrazoi du Lumek. Ni hor bizi naiz (motoa seinalatzen du). Lum hemen. Arratoi bat azaldu zaiola eta horregatik hots egin dit. Eta arratoiak harrapatzen ari ginela... taup!... bata bestearen gainera erori gara. LUK.— Nahiko da KI LIA.— ikusitakoa. LUK.— Entzundakoa nahikoago. LUM.— (Miliaren aztalak ukituaz) Zergatik pentsatzen duzue gaizki? Aztal oso itsusiak dauzka. (Gonak jasoko dizkio). Izterrak ez dira beste munduko gauzak, eta ni oso exigentea naiz honelako gauzetan. Zerbait atsegin bazait, ez dut zerbait horren beharrik. MILIA.— Berdin gertatzen zait niri ere. Lum niretzat anaia bat bezala da, eta gauza jakina: Anaiarekin ez dira... LUK.— Nahiko da. Gaur gaueko hamarretan. KILIA.— Bai, horixe. Gaur gaueko hamarretan. (Biak irteten dira) LUM.— Goazen hemendik. Izanen da beste toki bat mundu honetan horrelako legerik gabea. MILIA.— Alferrik da. Mundu honetan zu eta ni bakarrik gara polizia ez garanak. (Biak negarrez. Mimoan lehen bezala. Zapia eror dadila biak besarkatuta daudenean). SARGORIA Aitonaren hortzak belztuta daude. «Piorrea dauka» esan zuen behin amak. Andoniri galdetu behar diot zer den piorrea. Aitona ur bila joan denean, alpargatak busti ditu eta su ondoan jarri nahiko ditu, beti bezala, besorik ez duen egur landuaz egindako aulki zaharraren gainean. Eskuak usaindu eta igurtzi ondoren, ganbarara igoko da akuilu baten diametroa daukan aterkiaren bila. Babarrun zuritu gabeak hartu, eta balkoira aterako ditu, aterkia zabalik utziko, babarrunak eguzkiaren beroz gehiegi lehor ez daitezen. Hauxe da unea. Atea irekiko dut isil-isilik, eskailerak jaitsiko eta Andonirengana ibaira joanen. * * * Eguzkia oraintxe etzan da zelaian basoaren adar eta hostoen sabaia emeki-emeki hautsi ondoren. Gero hementxe etzanen gara gu ere, Andoni eta ni, alegia, gure gorputz biluzik lehortu arte. —Andoni, zer da piorrea? Gaur urak ez du Andoniren biluz zuria bustitzen. Ibaiak aintzira bat dirudi. Irribarrez dago ur geldiaren bakea Andoniren gorputz biluziaren inguruan. Gaztetxoen lehendabiziko muxua dirudi: batetik, muxuaren beharra nabaritzen dute, baina, bestetik, ikaragarrizko beldurra diote. Nire jantziak Andonirenen aldamenean utzi ditut eta harri txiki bat ipini dut gainean. Beldur diot gaur izanen dugun ekaitzari eta haizeari. Geldiune hauek beti ekarri ohi dute hego-haizea edo itsas ekaitza. — Zelan deitzen zaio geldiune honi, Andoni? Ama etxeratu baino lehen alde egin behar dut. Ordu hauetan haurtxo batek baino muxu gehiago jasoa izanen da. Bai, sargoria. Aitonak askotan erabiltzen duen hitza. Esaera zahar bat ere entzun ohi izan diot sarritan: «Arima-sargoriak deabrua inguruan». Ama orain sendagilearen etxea garbitzen egonen da. Aspaldi honetan ez nau eramaten. Sendagileak zelan ordaintzen duen jakinen ez banu bezala. Nesken artean zenbaterainoko irrikak sortu ote ditu Andoniren gorputz zuri horrek? Eta ni ere, uretan murgiltzean, bere gorputza mirestera inguratuko natzaio. —Hotz al dago? Alferrikako galdera egin diote eta berak ere badaki hainbeste. Erantzuna irribarre batean gelditu da eta «hator lehenbailehen» esan dit. Hondarra kiskalita dago. Gaur ibaiaren beste ertzeraino joan behar dut. Andoni lagun dudala, noski, ni bakarrik ez bainaiz ausartzen. Zuhaitzetara igoko gara eta habiak aurkitzen saiatuko. Joan zen asteko txoriak hogei duroz ordaindu zizkidaten. Alkatearen lorategian habi bat dago eta, jakin dudanez, datorren astean argiaren ez dakit zer auzi zuzentzera joan behar omen du hirira. Andonik biharko ziur jakinen du alkateak noiz alde egin behar duen, bere aita baserritarren alderdiko zinegotzia baita. Habia lapurtuko dugu berak alde egin bezain laster, eta txorikumeak haziko ditugu handiak direnean txori-merkatariari saltzeko. Ura epela dago. Aurten udara udazkenari egunak kentzen ari da, eta udazkenak neguari kentzen badizkio, negua urtearen hasieratik martxoa amaitzeraino luzatuko da, eta, nik hamalau urte betetzen ditudanean, elurra izanen dugu eta itsasoan erabiltzen dugun txapaz jaitsiko naiz Andoniren baserritik nire etxeraino. Andoniren baserrira aginduak egitera joan behar dudanean, tipulak erostera adibidez, handik txaparekin jaitsiko naiz, baina horretarako, txapari atzean plastikozko zorro bat erantsiko diot tipulak barruan ekartzeko. Gaztainak eta intxaurrak ere bai. — Gaur txoriak ez dituk bere habietatik irtenen. Ahoa urez beteta zeukala hitz egin du, eta bere ahotsa barrika baten barruan egindako oihuaren hotsa iruditu zait. Txoriek beldur diote beroari, noski. Sargori dago eta «arima-sargoriak deabrua inguruan». Beldur diote. Gaztetxoek muxuari bezala. Aitonak esaten duenez, gauza txarra da garai hauetan zeruan txoririk ikusten ez denean. Iparrekoa hasi da. Ura geldirik dago, baina hondarrak jolasa nahi duela dirudi. Hodei beltzak datoz iparretik. — Gauerako ekaitza izanen diagu. Zer pentsatuko ote luke aitonak ni hemen biluzik ikustean? Hasieran, lotsa ematen zidan Andoniri begiratze hutsak, baina orain ohitu egin naiz. Gauean oheratzean, kolunpioan nabaritzen den bezalako dar-dar goxoa nabaritzen dut gerritik hasi eta belaunetaraino. Aitonak ez ditu gauza hauek ulertzen, baina amak bai, amak ondo ulertzen ditu; horregatixe joaten da sendagilearen etxera. Eta ulertzen baditu, zergatik ez nau eramaten? —Aitonak baratzera joan behar du, eta geldi zaitez etxea zaintzen. Harrezkeroztik ez nau berarekin eraman. —Andoni... —Zer? —Ezer ez. Ez ote naiz piorrea zer den galdetzera ausartuko? Lehen ere galdetu diot, baina ez dit erantzun. —Andoni... —Zer nahi duk? —Zer da... piorrea? —Hortzetako gaitz bat. —Beste ezer ez? Beldur nintzen. Asko maite dut aitona, eta ez diot ezer txarrik desiratzen. Piorrea hilea erortzearen antzeko gaitz bat zelakoan nengoen. —Eta ilea erortzen denean? —Batzuetan sifilisaren seinalea. Bestetan, zahartzaroarena. * * * Euriaren hotsa kristaletan entzutea da honelako gauetan gehienbat atsegin dudana. Gaur gogotik ari du. Bihar aitonaren aterki handia eraman beharko dut ikastolara eta lotsatu eginen naiz. Azkeneko aldiz euria egin zuenean Andonik «noren sotanaz egindako aterkia duk hori?» galdetu zidan, eta lagun guztiak barre egin zuten. Zergatik ote zen? Behin, neskak desiratzen egoten direla esan zuenean bezala. Zer desiratzen ote dute? Harrokeria handia iruditzen zait Andoni bere gorputzaz jardutea. PENTAGRAMA BAT OSATU EZINEAN Imanol Urbietari BAT.– Egun ez zeukaagu orain arteko abeslariekin jarraitzerik. Orain artekoak, musika fusilatu, urkatu ditek, hitza salbatzearren. BI.— Benito Lertxundi asko atsegin zaidak. HIRU.— Baina non gelditzen dira euskal kadentziak? Eta tonalitateak, non? Abesti asko gaixo zegok bere oinarri bereizienean ere. LAU.— Beatles-ek estilo berri bat sortu ditek... Frantziak, Italiak, lpar Amerikak ere baditiztek beren estilo bereiziak. BOST.— Nirekiko, arazo guztia dirubidea bai edo ezean zegok. Badiat nik lagun bat astero «Zeruko Argian» idaztearren xentimorik kobratzen ez duena. BI.— Noski, diskoak ez direla hain onak. Baina agirian, herriaren aurrean entzun behar diagu Benito eta ez diskoen mekanikan. BOST.— Beharrezko duk profesionaltasuna. Baina profesionalismoak erantzun bat eskatzen dik. Errespontsabilitate bat. Lehendabizi, norberaren neurriak ezagutuaz eta bere prestasunak ordainketa bat merezi duen edo ez ikusiaz. Egiaz eta jator. Ez dadila ihesbide eta ogibide izan sarritan andereñoekin gertatu ohi den antzera. BAT.— Eta ez ditek zaharretara jo. Zertarako dago Azkueren abesti-bilduma? LAU.— Agian, hauetako abestitan gauza bereiziak entzuten dituk. Italiarren eta frantsesen kadentziak erabat ezberdinak dituk. HIRU.— Gaztedia nora zoaz abesti hauekin? Alde batetik, abesti hauen zailtasunak ikastea debekatzen zigutek. Eta, bestetik, ez ditek dantzarako balio. LAU.= Blues estiloan, adibidez. Hau, hauxe duk ikasi behar duguna. BAT.— Gauza bat abeslari izatea duk, eta abeslari-olerkari-musikari izatea bestea. Zergatik ez dira norberaren mugak neurtzen? Euskal Herrian bazeuzkaagu bai abeslari, bai olerkari, bai musikari —gehiegi ez ote?—. Lana elkarturik egin behar diagu. Hau duk, nirekiko, Ez dok hamahirukoek izan duten errurik handiena. BOST.— Penagarria duk idazleen egoera. HIRU.— Nirekiko, kanpoko abestiak euskaratu, hauek dantzatu eta abesteko. BI.— Ez dok hamairu abesten hasi zenean, kritika batera prestatu zuan. Inork ezagutzen al dituzue Galerias Barandiaraneko elkarrizketa eta abesti-saioak? Hitz egin nahi badugu, gaia ezagutu behar diagu lehendabizi. BAT.— Gure herria izorratzen duena pertsonalismoa duk. Nik zerbait egin nahi badut, derrigorrean besteen aurka joan behar. Eta ez zegok honetarako eskubiderik. HIRU.— Abestia, bestetik, arazo txikienetako bat duk. Kultura duk gure helburu. Ez zegok beste erremediorik. Honetan finkatzen ez bagara, joan gintezke pikutara. LAU.— Beste aldetik, Kataluniako egoera aztertu al da behar den bezala? BOST.— Gaizki ordainduta, ordainduta daudenean. Galdetu Txillardegi eta Torrealdairi. BI.— Alferrik duk guztia gaia ezagutzen ez dugun bitartean. HIRU.— Idazleak, alfabetatze-saioak eta beste honelako gauzak aurreratu behar dizkiagu. Eta antolatzen diren saioak ondo antolatu. Euskaltzaindiari edo beste bati amore emanaz. Baina autoritate bat behar diagu eta egun, nor Euskaltzaindia baino egokiago? BAT.— Beti bakarka jardun gaituk. Inorekin kontatu gabe. Alfabetatzea zelarik, herrixka batean bi gizon hasi zituan lanean. Bakoitza bere aldetik. Honela, aste berdinetan bi alfabetatze-saioak antolatu zitiztean. Eta hau, bi edo hiru mila bizilaguneko herrixka batean. BI.– Hutsune bat bete dutelakoan nagok. LAU.— Zer gertatu da «Nova Canço» taldearekin? Zer egiten dute Raimon, Pi de la Serra eta gainontzekoek? BOST.— Baina bazegok dirua. Galdetu argitaraldietako zuzendariei. Urretzen ari direla zirudik. Jendeak atzo baino gehiago irakurtzen dik. Eta euskal liburuak egun diru gutxi ematen badu ere, hasi duk bere igaliak ematen. Non gelditzen da diru hori? BI.— Bere eginkizuna bete dutela? Taldea desegin eta kito! Baina nork esan niri ez dutela ezer gehiago esatekorik? Bere eskuetan zagok erantzuna. Eta herriak ere badik zerbait esan beharrekoa. LAU.— Joan dituk erromantizismo garaiak. Zerbait egiten denean, izen onekoa izan dadila behinik behin. Gure egoera ez duk txantxetakoa. BOST.— Nirekiko, ez dela jator jokatzen. Kontsumoko gizartean murgilduta gaudek erabat. HIRU.– Batasuna beharrezkoa iruditzen zaidak. BAT.– Bakarka eta oztopoak jartzen. Euskararen batasuna dela, Basarriren iritziak direla, Saizarbitoriarenak direla. Ez, ez goazak bide onetik. LAU.— Bestetik, ez dik negar egiteak merezi. HIRU.— Elebitasunaren arazoa aztertu nahi nikek. Bazekiat Alto Adigio-n honetaz lan serio bat egina dutela. Ez diat uste «Gaur» taldearen lana azkeneko hitza denik. Garrantzi handiko oinarriak dituk estatistikak, baina ez ditek arazo interesgarri eta garrantzitsuena argitu: Elebitasuna bai edo ez? BI.— Herriari entzun. Ez zegok besterik. BAT.— Frantzian batasuna lortu zutenean, zer egin zuten? Indartsuenak irabazi. Ni, Saizarbitoriaren alde. Edo Rikardoren alde. Lastima izan duk Rikardoren heriotza. BOST.— Kontsumoko gizartearen ideia izan duk nirekiko Marcuse-ren ekarpen onenetakoa. BI.— Bazirudik orain taldea irekitzen hasi dela. HIRU.— Elebitasuna onartu diagu, baina non eta zertan oinarritu gara? Elebitasuna bi hizkuntza indartsuez eraman daiteke. Baina ez behartsu batez eta aberats batez. Hauxe izanen lukek herria izorratzeko bidea. BOST.— Marcuse ez diagu gehiegi irakurri, eta pena duk benetan. Aberatsa baino aberatsagoa iruditzen zaidak. Cohn Bendit eta maiatzeko iraultzaren gainontzeko eragileak, Marcusen liburuetan ikasiak dituk. Amerikako Unibertsitatetik bidali omen ditek. Barre eragiten zidak Amerikako demokraziak. LAU.— Negarra irtenbidea balitz, orain negar egitera joanen ninduan. BAT.— Gauza bat eskertzen badut, Rikardo ezagutzen nuen bezala ezagutzea duk. BI.— Egun Lurdex eta Xabier Lete ez dituk hainbeste entzuten. LAU.— Baina egoera batzuek dena pikutara jaurtitzeko gogoa ematen zidatek. HIRU.— Hau duk Alto Adigioko egoera. Eta filosofian doktore maila lortu duen batek elebakartasuna behar dutela esaten dik. Arrazoiak jakin nahi nizkike. BOST.— Eta SESB-koek ere berdin. Berriro Intelektualen purgak datozelakoan nagok. BAT.— Joseba ere bere anaiaren bideetan zebilek. Teologiako gaiak prestatzen ari duk, eta izanen dik nahiko lan. Gure herrian errazegia duk Jainkoa ukatzea. «Jainkoaren heriotza-teologia» ezagutu diat egun hauetan. Harrigarria duk Robinson gotzain izana. BOST.— Non aurkitu sozialismo jator bat? BI.— Eta ez zaidak gehiegi gustatu biak elkarrekin egindako diskoa. HIRU.— Liburua iaz argitaratu zian. Italieraz zegok. LAU.— Hobe duk isildu eta lanean jarraitu. BAT.— Berak dionez, orain arte Jainkoa goian jarri dugula. «Aita gurea, zeruetan zaudena». Baina Jainkoak ez dik tokirik. Orduan gure otoitzak faltsutuak zaudek. Baina Jainkoa norberaren barnean dagoela esaten duenean, pauso kontraesankor bat ematen dik. Tokirik ez badu, zelan norberaren barnean jarri? BIZARDUNEN BIZARRA ETA LORETOKIAK Arrazoia ote zuen pintore hark? Bai, noski, ezin fidatuko naiz kale ertzean azaltzen zaidan bizardun bakoitzarekin —izena Gorka zuela uste dut— baina badute beraiek ere arrazoi puntta bat. Nik ezin diet nahi duten guztia egiten utzi, eta, gainera, gozoa jarriko litzateke ertzainburua. Bizardunak ez ditu argazkietan ere ikusi nahi. «Bizardunek hobe bizarra beste toki batean edukiko balute» esan ohi du sarritan. Eta ertzainburuak ere badu bere arrazoi puntta. Eta nik ere bai beste bat ertzainburu eta pintorearen erdian egotean. Egia esan, zer jokabideri jarraitu behar nion gaur gertatutakoarekin? Isildu? Ezin arriska dezaket nire ogibidea. Pintorea salatu? Ezin dezaket bere arrazoia uka. Semeari galdetu diot pintorearen berri. Nahiko estutasun ematen dizkit nire seme honek bere bizar eta nehork ulertu ezin dezaken literaturarekin. Beckett, Lezama Lima, Ionesco eta nik ba al dakit zer gehiago? Semeari pintorearen berri galdetu diot. Erantzun hoberik ezin al zezakean eman? «Egun, estruktura etsai bat dugu, eta ertilariak dira estrukturen salatzaileak. Zuek ondorioak salatzen dituzue, jokoan parte hartzen duzue. Baina, haiek, haiek dira oinarrira jo eta zerbait interesgarrira heltzen direnak». Agian, Gorka edo dena delakoa, fantasma bat dugu. Norbaitek bere autoa galarazitako toki batean ipintzen badu, nik isun bat ipintzen diot. Baina hark ez; hark estrukturak salatzen ditu. Estruktura garajetako garestia ote da? Ezer garbirik ez. Mendiak urruti daude hiritik, eta ez da erraza mendira joatea. Ni birritan bakarrik izan naiz. Ezkondu nintzenean, eta orain bi urte izan genuen borrokaldiaren ondoren, emaztearekin adiskidetu nintzenean. Eta horregatixe ulertu dut pintorea. Ados gaude puntu honetan. Baina kontuz ibili beharko du hurrengoan. Nik ez dut nire ogibidea arriskatzerik nahi. Loretokiek ere ba omen dute beren eginkizuna. «Arren, lorerik ez zapaldu» ote da loretokien eginkizuna? Hauxe esan dit pintoreak. Baina argi dago hori ez dela loretokien eginkizuna. Estetika? Hitz hori ezagutzen nuen lehen ere, pintoreari entzun baino lehen. Semeari entzunda, noski. Guk ez ditugu hitz marika hauek erabiltzen. Loretokien eginkizuna estetika baldin bada, hobe dute propagandako txartetxo bat ipintzea. Pintoreak esaten zuenez, belarra, loretokietako belarra, zapaltzeko hobeto dagoela ikusteko baino. «Nik loretokiei funtzio bat eman nahi diet. Nire semeek ez dute oraindik mendirik ikusi eta eskubide osoa dute belarra zapaltzeko. Eta nik ez diet galaraziko. Azkenean gure semeek, hanken ordez, autoen gurpilak izanen dituzte, eta horixe behar genuke! !» Autoen gurpilak! Zaila da pintorearen semeek autoen gurpilak edukitzea. Haien hankak ez ziren hankak, muskuluak baizik. Haur haiek, hala ere, bazuten zerbait bereizia. Alaiak edo basatiak ziren. Edo nik ez dakit zer. Belarra zapaltzea: 50 pezeta. Belarra birritan zapaltzea: 100 pezeta. Isuna une berean ordainduz gero: % 20-ko deskontua. Garbi dago. Pintoreak ordaindu behar zituenak hirurehun pezeta ziren. Bi semeena, berrehun, eta ehun berea. Semeei belarra zapaltzen uztea ez dut ulertzen baina, tira! Ulertu ezin dudana, berak ere zapaltzea. Eta semeekin belarretan jolastea. Noski, pintoreari uzten badiot, denei utzi beharko diet. Eta ez. Ezin dezaket nire ogibidea arriska. Gainera pintoreak baditu bere semeentzako jolas-leku aproposak. Parke bat dago loretokitik gertu. «Linda Park» izenez. Badago ume bihurriena ere asetzeko nahiko leku. Baina, ez. Semeen hankak autoen gurpil bihurtuko omen dira. Erantzun ederra! Gizon batek dena egiteko askatasuna duzela iruditzen zaie. Nere semeari bezala. Baina emazteak eta nik sufritutako dirua gozatzen ari da. Gitarra. Zertarako behar zuen gitarra bat? Erosi eta sei hilabetera berriro saltzeko? Zelan bururatu zitzaion dituen belarriekin gitarra bat erostea? Zerbait ikasiak direnek dena ikasi nahi dute. Eta dena berentzako egina dela uste. Nere semeak bezalaxe. Baina gizarteak baditu jokorako erregelak. Denok onartu ditugunak. Haiek ez omen dute erregela hauen aukeran parterik hartu. Zelan hartuko zuten jaio baino lehen sortutako legeetan? Eta legeak bete behar ditugu. Zergatik ez, orduan, jokotik hasi eta paretara, txikira eta handira jokatu? Musean ere denok onartutako legeak jarraitu behar ditugu. Baina jarritako adibideak ez du zentzurik. Musean jokotik hasiko bagina, jokoa dudanean, besteek handia dudala antzemanen lukete. Eta jokoa eta pareak baditut pare onak izateko posibilitatea dudala. Seiak gutxienez. Ez dut konparazio onik egin. Beste konparazio bat... ea... beste bat... Bai, futbolean. Arbitrorik ez balitz, zer gertatuko litzake? Jokalari guztiak egiazaleak izan behar. Baina dirua tarteko denean, nire ertzainburuarekin gertatzen ohi dena: Nahi duenaren berria bakarrik eman. Berak konpondu ezin zezakeen zerbait gertatzen dela? Isildu egiten da. Bere nagusiak prima onak ematen omen dizkio zerbait ondo zuzendutakoan. Eta oker zuzendutakoetan, hileko soldatatik kendu. Ondore txarretara etortzen ari naiz. Oraindik denok errudun garela aitortu beharko dut. Ez pintorea bakarrik. Baina aurpegia behar da... Ni agintaria naiz eta nik esandako guztia... —Jose, noiz itzali behar duzu argi hori? Gogora zaitez bihar zazpietan jaiki behar dugula. Emazte hau beti marmarrean dago. Eta, okerrago oraindik, semearen alde beti. Gaur denbora asko pasatuko ote dut lo hartzen? Atzo berehala hartu nuen... Hotzak hasi dira... bi tapaki jartzen hasi beharko dugu... Emazteari esan behar diot... Ez dut uste egun hauetan lo handirik egiten duenik. Eta gaizki... Ohean gehiegi mugitzen da... Gaur ere, semea eztulka... Zenbat erretzen ote du? Estrukturak, estrukturak bakarrik eman diote guk izan ez genuen bizitza izateko aukera... Gure garaietan... NIRE LEHENENGO HITZALDIA Ez nuen uste honela izanen zenik, baina, azkenean, badakit ezin zitekeela beste era batera izan. Egun ez dut uste okerra handia izan zenik, baina garai hartan erru guztiak nireak zirelakoan nengoen. Nire burua beti nire inguruan gertatutakoaren errudun bezala ikusi izan dut, nire gibelean norbait estropu zain egonen balitz bezala. Behatz luze batzuk niri begira zeudela ziruditen bai zeru-gainetik, eta baita lurpetik ere. Eta leiho guztietako aztalik gabeko andereak ez dute nirekin ezer jakin nahi edo honela iruditzen zait. Horregatik harritu nintzen Josebak hitzaldi bat eman behar nuela esan zidanean. Gaia ezaguna nuen, ondo ezaguna, baina ez nintzen oso estimatua hitzaldia eman behar nuen zentrokoentzat. Beldur nintzen eta beldur, batez ere mila begi-pare nire gorputzean irristatuko zirelako eta nik begi haien ituna, argia edo iluna zen edo ez jakinen ez nuelako. Gaia atsegina zitzaidan: «Bertoldt Bretch eta urrutiratzea, munduaren aurrean hartutako jarrera bat». Atsegin zitzaidan gaia, eta hiru egun egon nintzen nire lantxoa antolatzen. Egia esan, niretzako ez zen lan ikaragarria izan, lehendik fitxa asko jasoak bainituen irakurritako liburuetatik. Baina, hala ere, ez nintzen nire buruaren jabe. Mila begi-pare ikusten nituen nire gelako ispiluan, nigandik urrutiratuta eta urrutiratze hau nire aurrean hartutako jarrera bat izanen balitz bezala. Nere aurpegia ispiluari eskaintzen nion bakoitzean, begiak azaltzen zitzaizkidan, mila begi-pareak, bi mila era ezberdinetan. Batean, begi guztiak labainez erdibituta, bestean, malkoen ordez esnea isuriaz, eta bestean, zakurren irudiarekin, eta bestean... Ez nekien zer pentsa, zer egin, baina hitza emana neukan eta ez nuen irtenbiderik. Hitzaldiaren egunean, propaganda orritxo batzuk azaldu ziren herrian. «Egun, jokabide bat hartu nahi badugu, munduarengandik urrutiratu behar dugu, hartutako posturarekin berriro munduarengana hurbiltzeko. Ikus, ikusi, entzun beharrak ditugu honetarako bideak, honen arazoak eta ondoreak. Gaur gaueko 8 eta erdie tan...» Ez nuen irakurtzen jarraitu. «Ikus ikusi beharrak ditugu...» Bi bider azaltzen zen «ikusi» aditza. Nire ispiluko amets basatiak egiak bihurtzen ari baziren bezala. «Ikus-ikusi beharrak ditugu...» «Brecht antzezlaria izan zen batez ere eta urrutiratzea antzerkirako erabili zuen...» Izerdietan nengoen. Nire lehenengo hitzaldia zen, baina ez zen horregatik. Hainbat aldiz ikusitako begiak ezagutu nituen hitzaldi-gelan. Batzuk labainez erdibituak, besteak esnea zeriela, beste batzuek zakurrak ziruditela eta gainontzekoak... «Baina antzerki bat bizitzan oinarritzen ez denean ez da egiazko antzerkia. Antzeztokia gure mundua da eta guk, antzeztokia ikustean, mundua ikusi behar dugu...». «Ikusi» hitza esan nuenean, ikustearen metafisika bat egiten hasi nintzen. Ikusteak bi alderdi dituela, alegia. Bat, nirea: NIK ikusten dut. Eta bestea, objektiboa: ZERBAIT ikusten dut. Horrela, honekin jarraitu nien hitzaldiaren gaia. —Zertaz zuan hitzaldia? Ikusteaz edo Bertoldt Bretchez? Denak haserre irten dituk. Aprobetxatu egin haizela ziotek. Formalitate pixka bat, arren. Ez nian uste honela erantzunen zuanik. Beste hizlari batzuk zuhaitzen gaia badute ere, politika sartzen ditek tartean; eta hik ere antzekoa egin duk. Ez nuen erantzun. Banekien nire burua ez nuela gehiago altxatuko. Itsututa bezala nengoen, baina errua ez zen nirea izan, herriaren begiena baizik. MACONDO DUT GOGOAN, EDO BASABIZITZARI HIRUKOA LUISA Bai, errazena etxera joatea zen. Luisak ondo zekien bere bizitzan gertatutakoaren berri. Urte asko igaro ondoren, oso ondo gogoratzen zuen bere aita Augustok itsasoa ezagutzera eraman zuen eguna. Garai haietan, Hurturi lokatzetan hondoratutako zortzi edo hamar etxek osatzen zuten herrixka bat zen; komunen ordez, lehendabiziko pisuan zulo bat, kakak ukuilura eror zitezen. Ez zuten eguzkia ezagutzen, eguzkia baitzen beraien ordulari bakarra. Sua deabrukeria bat zen, eta barazkiak gordinik jaten zituzten. Haragiak ere bai. Lurrak eskuz lantzen. Zuhaitzak harrien kolpez puskatzen. Maitasuna ahariekin egiten. Ulertzekoa da Luisari itsasoa ikusteak eman zion zirrara. Hain ur garbia mundu zikin hartan! Hamabi urterekin haurdun zen, eta ez zekien aitaren berri. Augusto bere aita izan zitekeen. Edo Augusto, bere anaia. Edo Augusto, bere etxean bizi zen lehengusua. Herrixka hartan denek Augusto eta Augusta zuten izena. Luisa ere garai haietan Augusta zen. Mundua ezagutu zuenean bere basa-bizitza ahaztu behar zuela eta, izena aldatu zuen. Denak Augusto eta Augusta zuten bere izena behin herrira heldu zen misiolari erdi lapur erdi ero baten oroimenean. Elizatxo bat eraiki behar zuela, eta nahiko diru bildu zuenean, ihes egin zuen. Baina Hurturiko andereeak, gizon-andere guztiek, Jainkoak bere Josafateko zelaira eraman zuela uste zuten. Eta egun ere horretan izanen dira. Haurra sabelean hil zuen, eta urtebetera berriro haurdun bihurtu. Hura ere sabelean hil behar. Herrixka hartan oheak ez ziren sobratzen, eta norbait hiltzen zenean, borroka gogorra izaten zuten andereen artean nork lehenagoka haurra edukitzeko apustuan. Bitartean, sabelean hiltzen zituzten semeak. Eta haurrak jaiotzen baziren, aitona izaten zen haurra hil behar izaten zuena. Hau zen ohitura, denak onartzen zuten ohitura. Hamabost urte eta sabelean hiru seme zituen Luisak Hurturitik ihes egin zuenean. Handiegia zen itsasoaren deiari erantzunik ez emateko. Mendaitza alderen alde igaro, aintzira ikaragarri batzuetan galdu eta ibai luze bati jarraituaz itsasora heldu zenean eskorbutoaz gaixotu zen. Hiru egun igaro behar izan zuen itsasoak hondartzera botatako plastiko batean bilduta. Sukarra amaitu zitzaionean abiatu zen. Ehun eta berrogeita hamar urte igaro zituen hirian. Lehendabiziko hamabi urtetan paperak, zigarroen azkenak eta zuhaitzen hostoak jaten zituen. Bost bider egon zen kartzelan. Emagaldutzan lanean hasi zenean hogei eta zazpi urte zituen. Hirurogei urte baino gehiago egin zituen bere bizitzan izan zuen ogibide onenean. Milaka gizon ezagutu zituen, eta, tarteka, izen handiko andereak ere bai. Hauek, gehienetan, dirudunak izaten ziren. Bat, izurria sendatzeko pastilla bat asmatu zuen sendagile baten emaztea. Bestea, bankako zuzendariarena. Bestea, hiriko etxe gehienen nagusiarena. Luisaren izena asko zabaldu zen. Andere zintzo, jator eta leiala zela zioten. Bere lanak oso isilean egiten zituena. Adinik ez zuelakoan zeuden. Adina zuela jakin eta zenbat urte zituen asmatu zutenean, Luisak bere ogibidea aldatu behar izan zuen. Zortzi urte igaro zituen moja-komentu batean. Hauexek izan ziren Luisaren urte gogorrenak. Lo ordubete bakarrik egiten zuen. Eliza ikaragarri bat egunero goitik behera garbitu, komentuan zeuden zortzi mila mojentzat janaria egin, haien arropak garbitu, loretokia txukundu eta baratza landu. Lan hauek ez zituen oso gustura egiten, baina bere onetik ateratzen zuena elizan egunero ordu pare bat egon beharra zen. Behin, mojatxo haiek «Jaunaren babesean nago ni, eta honek egiten nau zintzo» abesten ari zirenean, Luisak ahots handiz «Banoa» esan zuen, eta ez dute gehiago haren berririk izan. Geroaren geroan, zigarroen azkenak biltzen jardun zen. Eta gaztainak saltzen. Eta hiriko komunak garbitzen. Eta hildakoen etxeetan negar egiten. Ehun eta hirurogei eta bost urte zituenean, haur bat izan zuen, eta izenez Augusto ipini. Orduan erabaki zuen: Errazena, etxera joatea zen. JOSIAS HAADIS Kalera begira zegoen danbor baten handiko lupaz. Leihoak Lehendakariaren ateak ziruditen, eta emakumeen aztalak, boabdad zuhaitzaren enborrak. Handi ikusi nahi zuen dena. Ezagutu zituen lupa guztiak txikiak zirela, eta Amsterdamera joan zen hango lupa-egile batengana. Josias Haadis zen bere izena, eta munduko gizon traketsenek ezagutzen zuten: Kontrabandistek eta marinelek; gobernadore eta gotzainek; jakintsu eta idazleek. Terroristak ere inguratzen zitzaizkion. Lupa-egile trebea eta inorekin fidatzen ez zena. Lagunek, begien ordez bi lupa zituela esaten zuten. Ez zitzaien arrazoirik falta. Ni, askotan bezala, Josias Haadis augurtzera joan nintzen batean, bi urte lehenago belarriaren ertzean izan nuen pikortagatik galdetu zidan. «Rue des Napolitaines» kalean zeukan gozotegiari esker mantentzen zen eta gauaz, lupak egiten zituen. Era guztietakoak. Bere gelatxoan zortzi ispilu handi zeuzkan. Batean, buru handi eta gorputz txikiz ikusten nintzen. Bigarrenean, borobil. Hurrengoan, arkatzaren mehea nuen. Laugarrenean, biluzik ikusten nintzen «x» tximisten sistema miragarri baten bitartez. Bestean, begiak bakarrik ikusten nituen, seigarrenean, belarriak. Zazpigarrenak emakume baten irudiaz janzten ninduen. Eta azkenekoak, nintzen bezalakoa: Nire sudur luze eta belarri handiez. Danbor baten handiko lupaz kalera begira zegoen gizona Amsterdamera Josias Haadis lupa-egile trebearengana joan zenean, ez zekien zer pentsatu. Neurri guztietako lupak zeuzkan gizon harrigarri hark. Pentsa ezazue han zegoen lupa baten handia zelakoa izanen zen: Lupa, ematen zituen irudiak baino handiagoa zen. Harrigarria, benetan. Baina Josias Haadisek ez zion saldu izan nahi. Bere arrazoia oso argia iruditzen zait: Danbor baten handiko lupaz kalera begira zegoen gizonak lupa bat behar zuen, baina Josias Haadisek asmatutako tresna trakets hura palu bat zen. Josias Haadisen bertute handienetako bat logika zen. Eta logikari jarraituz, danbor baten handiko lupa bakarrik salduko ziola esan zion: —Danborraren handiko lupa hau da zuk behar duzun lupa. Batetik, tresna egokia duzu gerrian zintzilik ibiltzeko. Eta, bestetik, gerla-garaietan, danbor jotzailetzat hartu eta danbor-jotzaile eginen zaituzte danborraren handiko lupa hau gerrian zintzilik ikustean. Baina, gertatuko dena, danborraren handiko lupa hau ez dela danborra, lupa eta oso lupa baizik. Eta zuk ez duzu gerlarik eginen. Ez da gerlarik egin behar. Lupa ere gerlarako erabilia duzu. Bai, gizona, bai. Greziarren garaian. Zuk nahi duzun handiko lupa bat asmatu zuten, eguzkiaren dirdirak luparatu eta aurkakoen itsasontzien zapiei su emateko. Hara hemen zergatik ez dizudan zuk nahi zenukeen handiko lupa bat saldu. Zure herrian istilu gorriak dira egun, eta posibleetan erortzen da gerla bat hastea. Tentaldian erortzen bazara, zer? Ez, gizona, ez. Hobe duzu danborraren handiko lupa bat, gerla-garaietan gerlarik ez egiteko. Logika oso ona erabiltzen zuen Josias Haadisek. Danborraren handiko lupaz kalera begira zegoen gizonari danborraren handiko lupa hura saldu zionean, bederatzigarren ispilu bat asmatzen hasi zen. Burua kiskaltzen zeukan ideia bat eraman nahi zuen aurrera: Bederatzigarren ispilu hartan begiratzen zirenak, eguzkiaren dirdiren ispiluratzeaz erreko ziren. Ez naiz harrezkero bere etxera joan. Eta munduan kontrabandista eta marinel, gobernadore eta gotzain, jakintsu eta idazle eta terrorista gutxiago dago. DEMONTRES Hurturik bigarren ipuin bat merezi duela, eta Demontres apaizaren gertaerak adierazteko idatzi dudan ipuina. —Gauza guztiak dute berezkirozko bizitza —esan zuen apaizak—. Jainkoaren bultzada behar ibiltzen hasteko. Hurturiko zaharrenek ere ez zuten gogoratzen Demontres —honela deitzen zioten apaizari, orain ahaztuta edo gainduta zeukan, baina lehen eduki zuen «Demontres» esateko ohituragatik— Hurturira noiz etorri zen. Hurturin hiru gizon-era zeuden. Bata, Elizara sarritan joaten zirenena; bestea, Elizara joan gabe, apaizari etxera kafea hartzera hots egiten ziotenena, eta azkena, ez Eliza, ez kafe, Demontres erotuta zegoela esaten zutenena. Azken hauek ziren gehienak. Hurturin «erreferendum» bat eginen balitz, eta Demontres hautagai bakarra izanen, ehundik laurogeik ezezkoa emanen lukete, hamasei-hemezortzik ez lukete erabakirik hartuko eta azken lau-bik, zalantza askoren ondoren, kristau onak ez duela politikan sartu behar, eta baiezkoa emanen lukete. Hurturikoek bere bizitza guztian gogoratuko zuten Demontresen behingo zeremonia, herriko enparantzan mahai batera igota, sukarrez dardarka, begi-zuloekin, bere irudimenaren indarrarekin azken kausitzea —mistiko bat zela esan behar dugu— azaldu zienean: —Galileok ez zuen arrazoirik. Munduak eta munduan dauden gauza guztiak Jainkoa dute bere ardatz. Hurturikoek ez zuten Galileo eta Galileok esana ezagutzen, baina ardatzaren auziak buru asko berotu zuen. Herrian izan ziren ondorioak azaltzen ahaleginduko naiz. Augustok, hirira joan zen Augusta, baina Luisaz bere izena aldatu zuenaren aitak, bere gurdiaren gurpilak deslotu eta Demontresek ardatza aldatu ote zion beldurrez, ardatza, garbitu ezin litzatekeen olioz busti zuen. Bere izena gogoratzen ez dudan hogei edo hirurogei urteko neskatxa batek ez zion bere semeari zilbor-soka moztu izan nahi. Zilbor-sokatik zintzilik hil zen gizarajoa. Hiriko egunerokoak jasotzen zituen, baina irakurtzen ez zekielako bere etxeko hormak egunerokoen orriez estaltzen zituen gizon jakintsu bat bere ukuiluan zulo handi bat egiten hasi zen munduaren erdia aurkitzeko itxaropenez. Baina, okerrena, Demontresek Ogi-Deunak Jainkoa ber-bera atxikitzen zuela esan zuenean izan zen. Jendea jabetu zen Demontresen buru ero eta nahasiaz. Nik, noski, onartzen dut Demontresen egia eta sinetsi, fede zintzoz sinesten dut, baina ipuin basati bat idazten ari naizenez, gero ez dut inkisidoreen beldur izan behar, beldur honek justifikaziozko hitz hauek idaztera behartu banau ere. Demontres Hurturin bertan jaioa zen, baina bost urte zituelarik Seminariora bidali zuten, edota Augusto misiolari erdi-ero, erdi-lapurrak eraman zuen, eta Gotzainak hamabost urteetarako apaiz egin zuen. «Bederatzi urteko Aita Santu batek zuzendu zuen Eliza». Hauexek izan ziren Gotzainaren hitzak, eta hauexek sarritan Demontreserenak ere. Hurturira heldu zenean ez zuen inork gogoratzen, eta bera ere ez zen bere semetza azaltzen ahalegindu. Hamabost urte zituen bere sotana beltzez enparantza erdian azaldu zenean, eta, istant berean, Hurturiko neskatxa guztiak bihotz-minez gelditu ziren Demontresek semeak egiteko behar zena ez zeukala jakin zuten arte. Harrezkeroztik. Elizara ez da garai haietako neskatxariik azaldu. Inkestak egiten ibiltzen zen batek apaizaren prestasuna eta gorputz alaia zirela neskatxak Elizara joatearen kakoa erabaki zuen gertatutakoaren analisi jator bat egin ondoren. Sermoietan Sofokles-en «Elektra» liburuko testuak irakurtzen zituen, baina, Hurturikoen zoritxarrez, grekoz irakurtzen zituen. Ez dut grekoz idatziko, irakurleen zoritxarrez izan ez dadin, Demontresek askotan erabiltzen zuen zatia: «Ez naiz erotuta dagoen igarlea, jakinduriarik gabea; Ni honat zuzena ekarriko dudana naiz». (El. 474-477) Luisa Hurturira hurbildu zenean txekor batek baino bizi gehiago zeukan. —Egun on. —Baita zuri ere —Ni Luisa naiz. —Banekien. Hurturiko berriak berehala zabaltzen dira; ni Augusto naiz, Hurturiko apaiza. —Hitz gutxitan, Demontres. Nik ere banekien. Hurturiko berriak azkar zabaltzen dira. —Zer nahi zenuke? —Zurekin hitz egin. —Ez dut nire bizitzan horrelakorik entzun. Nirekin hitz egin nahi duzula, eta norekin ari zarela uste duzu? —Apaiza zaranez, lagundu egin behar nauzu. —Semeren bat, edo lapurketa bat edo... —Ez, ez. Ez dut horrelakorik. —Has gaitezen lehendabiziko agindutik. —Ez, ez. Ez dut aginduen kezkarik. —Zer duzu, bada? —Heriotzaren ertzean nauzu, eta Elizari mesede bat eskatu nahi nioke. —Elizari mesede bat? Elizak mesedeak jasotzen ditu, eta ez nola-hala eskaintzen. —Santa egin behar nauzue. —Horrelakorik... —Bai. Aldare txikienean irudi bat, eta nire heriotzaren eguneko urtebetetzeetan, arrosa-xorta bat eskatzen dut. Besterik ez. —Eta zuk zer eskaintzen diozu Elizari? — Nire santutasuna eta nirea den guztia. —Nor zen zure aita? —Zurea. —Zer diozu? —Bai. Zure seme bat abortatu behar izan nuen gure gazte-denboratan. —E? —Entzuten duzuna da egia. Nire isila, aldare txikiko irudia eta nire heriotzaren urtebetetzeetako arrosa guztien ordez. Nire amonak bereari eta honek nork daki nori entzundako gauzak dituzu, irakurle. Dena, nik aitari askotan ertzundako esaera duzu: «Izen onaren truke, aldare eta arrosa gorriak». Hurturi itsasoak jan omen zuen, eta egun turismoko herri polit bat dago Hurturiren gibelean, Hurturik zituen bekatuz eraikitako etxez, hotelez, umeentzako parkerik ez, hondartza zabalez jantzita. Ez nizkioke suari nire eskuak eskainiko herri polit hori non den ez dakidala esateagatik. HILTZEA MUNDUKO GAUZA ERREZENA DUK «Pandemonium. Lurra dardarez dago ikusleen oinpean. Gelan, hosto orlegi batzuk, hegan. Aurpegi zuri eta mehea gelaren erdian. Erraza da efektu hauek lortzea.» Jacques Audiberti «Théâtre» Gaur da lehendibiziko aldia hila nabaritzen naizena. Lo dauzkat oinetako behatzak, eta belaunak eta zilborra (amagandik askatu zitzaidan soka lotu egin zait berriro, baina gaur heriotza dut nire soka-kideko) eta begiak. Beste askotan, oraindik hil ez nintzenean, hila egoten nintzen, sarritan, nahiz eta gorputz bizi batean sartuta egon. Eta barrendik hilda egoteak nire gorputz bizia ere nolabait hil egiten zuen. Hiriko kaleetan zehar, autobus, auto, polizia, gizon eta emakumez inguratuta nengoenean ere hilda egoten nintzen. Froga onena autobus, auto, polizia, gizon eta emakumeak nirekiko geldirik hilda zeudela. Hilda nengoen egun haietan emaztea, Remedios eta mundu honetan gehienbat maite nuen izakia, katua, alegia, pixka bat nirekin batera hiltzen ziren. Gaur goizeko hiruretan hil naiz. Emaztea bostetan jaiki denean, bere ezpainak nireekin batu dira beti bezala. Orain direla urte asko ezpain txiki horiek laborriz, dardaraka inguratzen zitzaizkidan, baina azken garaietan hotz, oso hotzak iruditzen zitzaizkidan. Dena dela, gaurko nire ezpainak emaztearenak baino hotzagoak ziren eta beldurtu egin da eta garrasika ohetik jaiki eta Remediosi hots egin. «Nire senarra hilzorian dago». Ez, ez, emazte tuntuna: Ondo hilda nengoen. Hori ere ukatu egin behar al didazu? Asteazkena da. Nire jaieguna. Hobe bihar hil banintz, horrela gaurko eguna pintaketan jarraituko nuen. Nire jaieguna, tabernariek ezin baitugu jairik egin. Eta asteazkenetan emazteak trajez, gorbataz eta batere gustatu ez zaizkidan oinetako marroiez janzten nau: «Tabernara etortzen direnek zer pentsatu behar dute?». Ezin dut asmatu zelan aukeratu nuen emazte tuntun hau. Tabernara etortzen direnak trajez, gorbataz eta oinetako marroiez ikusten banaute, beraien kontura aberastu naizela pentsatuko dute. Gainera, eta behin ere aitortu ez dudan hau orain aitortzen badut nire hilkutxan oso seguru aurkitzen naizelako da, arrazoi guztia daukate ni beraien kontura aberastu naizela esateko. Baina nik nahiago ditut alpargatak. Dirua ez zait behin ere burura igo. Gaur asteazkena da, eta asteazkenetan bezala jantzi naute. Trajez, gorbataz baina oinetako beltzez: «Ez da itxurazkoa marroiez janztea». Ez hilda nagoelako, tuntuna, min ematen didatelako baizik. Emaztea eta ni noiz elkartu ote ginen ohean azkeneko aldiz? Bi urte, gutxienez. Bai, bai: Azken garaietan Playboy-ko argazkiek baino goxamen gutxiago ematen zidan bateko. Besteko, asko gizendu da eta badakizute gizentzeak zer ekarri ohi duen. Lehendabizi haserretu egiten zen, baina azkenean, ezer ez zuela lortuko ulertu zuenean, lehortu egin nintzela esaten zien bere adiskideei. Ni lehortu? Gaixoa, ez ditu ondo ezagutzen nire ibilaldiak. Azkeneko aldiz gaur astebete Bilboraino joan behar izan nuenean, «Eskoziako whiskia erosi nahi dut eta itsasontzi bat etorri da; kaxatxo batzuk izanen ditudala baieztatu dit Bilboko lagun batek». Orain direla hamar urte ez zidan bakarrik joaten utziko, baina egun bai. «Nire senarra Gernikako zuhaitza baino lehorrago dago». Isabelek emanen lioke nire lehorraren berri. Baina betiere niri Remediosen semea aurpegira botatzen saiatu. «Pax mulieribus malae voluntatis». Aspertuta nengoen beti ni aldatu egin nintzela eta zoratzen hasia nengoela leloarekin hasten baitziren. Honen zergatia baino gauza barregarriagorik... Erotzen hasia pintaketari ekin diodalako. Txikitatik maite izan dudan gauza bat duzue pintura, eta egun batez, orain direla zortzi hilabete, margo-tutu, olio, margozki, paleta eta asto batez etorri nintzen etxera. Nire emazteak ez zidan diru handirik ematen, baina zertxobait aurreratzea lortu nuenean, margo-dendara joan nintzen, eta pintaketarako behar nuen guztia erosi. Harrezkeroztik hamar bat koadro margotuko nituen. Jakina, asteazkenetan bakarrik pinta nezakeen. Esposizio bat antolatuko zidala agindu zidan herriko alkateak. Aker arrania! Adarra jotzen ari zela jakinen ez banu bezala. Baina hamar koadro margotu ditut, eta Zabiaurrek esan zidanez, bi oso onak dira. Ez da nik esaten dudalako, baina Zubiaurre ez da txantxetako gizona pintura auzietan. Orain dela urtebete Paristik hots egin zioten euskaldunen esposizio batera eta zilarrezko medaila bat irabazi zuen. Gehiago margotu ez badut, tabernak asko eta asko lotzen ninduelako izan da. Eguna leher eginda amaitzen nuen: hankak handituta, burua leher-zorian eta egun guztia nire emaztea jasan beharrez. Tabernatik mozkor bat bidali behar dela, kantari hasten direla, tximaluze hark ez duela banderila ordaindu, gauzaina etortzen dela eta alditan Guardia Zibilak ere... Zergak, ardoaren garestia, neskame tuntunak, emaztea, Remedios, goiz jaiki, berandu oheratu... Zer izan zen sendagilea mozkor-mozkor eginda «Gora Erregea» lehen, «puten gainean k...» gero eta azkenean, Jainko eta Birjina guztiekin hasi zeneko egun hura... Lagunek, nik sendagilea asko estimatzen nuela eta horregatik ez niola gau-zainari hots egin. Egun gogorrak izan ziren: ez zen tabernan inor sartzen. Emazteak «nik gripea nuenean zaindu ez ninduen sendagile alu horren gauza behar zuen izan», eta nik «sendagilea bezain gizon onik ez duzu gure herrian aurkituko. Gainera nork ematen diote taberna honi dirua? Nortzuek? erantzun». Ezin dut sendagilea begien aurrean ikusi, baina emaztea gutxiago eta urrea ordainduko nuke emazteari arrazoirik ez ematearren. Nire askatasuna izanen da gehienbat min emanen didana. Adibidez, taberna Aste Santuan ireki eta Bazkotan itxi egiten nuen. Behin ez nuela Isabel ahaztu nahi eta apaizak ez zidan benedikaziorik eman. Hobe. Horixe izan da nik harrezkeroztik egin dudana: Aste Santuan ireki eta Bazkotan itxi. Eta elizako santu tristeak gehiago ikusi gabe gelditu. Nire emaztea oso elizkoia izan da beti, baina azkenean konformatu egin zen Aste Santuan irabazten genuen dirutza ikustean. Zorigaitzez, hemen nago hilkutxa beltz honetan. Zorigaitza, elizara eramanen nautelako. Ez dute hilkutxa oso ondo neurtu: Belaunak kizkurtuta dauzkat. Honetan ere diruzaleak azaldu dira. Zenbat kostako ote zitzaien bost zentimetro luzeagoko hilkutxa bat?... Baina ez zait axolarik. «Begiak erabat zabalduta dauzka» esan du Remediosek. Eta nire begiak zabalduta jarraituko dute nire inguruan gertatzen dena ikusi eta tarte pixka bat egiteko. Ezkerreko begia itxiko banu, armairua, aurreko horma, nire emaztea eta Remediosen erdia ikusiko nituzke. Eta eskubikoa itxiaz gero, Remediosen beste erdia emaztearen sasilagun bi neskazahar horiek, Remediosen semea eta aulkiaren gaineko pixontzi horia. Orain nire egunerokoa jarri didate esku batean eta gurutzea bestean, bi eskuak elkartu eta bular erdian utzi. Pintatzearekin batera hasi nuen egunerokoa nire pentsakizunak idatzi behar nituela eta. Honezkero dena irakurria daukate sorgin horiek. A zer izualdia emaztearena nire lehorraren berri ezagutzean! Elizatik irteten ikusi nuenean, bere zerbaitek zoratu ninduen. Baina gaur ez nioke txakur txiki bat ere eskainiko. Askotan ikusi izan ditut haren begiak baino politagoak, eta haren aztalak ez ziren beste munduko gauzarik, baina bazuen zerbait ni zoratu ninduena. «Egun on», eta hitzik ez. Beti gertatzen da. «Jakin dut lan bila zabiltzala». Lurrean josi zen, baina hitzik ez. «Tabernan neska bat behar dut». Gezurra zen baina bi neskatxekin hobeto eramanen nuela taberna eta «zortzi mila pezeta hileko». Ahoa zabaldu zuen, baina ez ziren bere ezpainak mugitzen. «Bai, bai, zortzi mila pezeta, eta astean egun bat jai izanen duzu». Hitzik esan gabe alde egin zuen. Hurrengo egunean, goizeko bederatzietan mantal bat eta maletatxo batez azaldu zen. Ez zitzaidan burutik pasa etorriko zenik ere. Eta emazteak «zertara etorri da sorgin hori». Ikaragarrizko borroka izan genuen biok, baina azkenean, tabernan geldituko zela erabaki genunean, «Remedios naiz. Astean bi egunetan jai. Osterantzean, banoa». Beste egoera batean barre eginen nion eta tabernatik ostikoka bidali. Baina auzi hartan nire nortasun eta nagusitza jokatzen ziren eta, «Konforme. Has zintezke lanean». Zortzi mila aldiz damutu naiz, baina Remedios sendiko bat bihurtu zen eta ni baino gehiago agintzera iritsi, eta etxea eramanen zuela, baina ez taberna, eta gero, urtean hilabeteko oporraldiak behar zituela, eta, geroaren geroan, hamar mila pezeta eskatu zizkidan. Baina soldataren gutun-azalean eman nion batean «soldata konfidantzaren falta da» eta ez zidan soldatarik hartu. Gaur etxeko dirua berak erabiltzen du, eta berak agintzen gehiena nire-nirea behar lukeen baina ez den etxean. Etxeko k... guztia bere bizkar gainean eror dadila. Nik espero nuen Remediosen eta Remedios honen artean santa eta emagaldu baten arteko aldia dago. Zenbat barre egin ote dit emazteak! Emazteak semea eduki nahi zuela. Bere arrean eta nire soan, hark, elizak agintzen ziola eta nik, ez zegoela amaren alabarik nigandik semerik izanen zuenik. Zer izan zen Remediosek seme bat izan zuenean! Baina Jainkoaren zigor guztia niri, seme asto horren aita ni banaiz! Remediosek ez zuen semearen aitaz hitzik esan. Eta isilak baietza zirudien, ni nintzela, alegia. Baina etxeko jabea izatearren ez ninduen defenditu. Egun batzuk igaro zirenean, egia esan zion emazteari (orain dela gutxi aitortu zidan emazteak hainbat urte igaro ondoren), baina ezer ez zekienarena egiten zuen eta egoera egokietan, Remediosena baina nirea ez zen haurraz baliatzen zen niri nahi zuena aurpegira jaurtitzeko. Infernuko suak bularrak lehortu dizkizutelakoan nago, ulertezina baita zuen bularrak hain azkar lehortzea. Ur benedikatuaz busti naute erramu-hosto batez. «Ohitura jarraitu behar da». Eta buldak ipini dituzte mahaitxo baten gainean. Nire gorputza buldaz estali dute, duro batzuen ordainez. Apaiz horiek dirua irabazi behar norbait hiltzen denean ere! Badatoz hilkutxaren estalkiarekin. Remediosen semeak eta apaizak jarri didate. Zirrikitu horretatik behin ere niretzako hartuko ez nukeen haur ergel hori ikusten dut. Emazteak muxu eman dio estalkiaren kristalari. Orain gutxiago ikusten dut emazteak kristalari eman dion laztanak dena lurrundu baitu. Koroa bat eta hau ere kristalaren gainean. Ea irakurtzen dudan zintan zer idatzi duten. Bai... «Bere... emaz... teak... J. I. L.» Ez «maitasunez», ez «minez», ez «gorrotoz». «Bere emazteak» huts hutsik. Arrosa gorri eta zuriak. Eta ni behin betiko hiltzen naiz zuen lasaitasunerako. Biharko ahaztuko zaituztet. A zer lasaia nabaritzen dudan! NERE HERRIARI HIRUKOA ZORTZI BRANKA «Tardieuk dionez, gizonaren buruak —kaleko gizonaren buruak, alegia—, ez du errespontsabilitaterik nahi, eta horregatik azaltzen da apalki; nahita baina gehiegi pentsatu gabe azaltzen da apalki lehendabizi aurkitzen duen agintariaren aurrean.» George E. Wellwarth. «Paradoxa eta protesta antzerkia». «Bahuen ordua» esan zuen Abrahamek, eta besterik gabe, lanean jarraitu zuen. Morroia, ate ondoan zegoen aulki batean eseri zen esku bat kopetan, ukalondoa belaunean eta beste hatz meheenez sudurra odoltzeraino igurtzitzen zuelarik. «Joan hadi sukaldera eta ekar ezak babarrunak egosteko ontzia'. Morroiak sudurra garbitzeari jarraitu zion indar handiagoz. Gelak ero batena zirudien. Denetik zegoen gela hartan: ispilu handi bat, libururik gabeko baina babarrun-ontziz betetako liburutegi bat, IV. gizaldiko «mapa mundi» bat Afrikan «Hic sunt leones» hitzekin, arrantzarako tresnak, ardo-bonbillak, mailuak, hiltzeak, lera bat, gurdi baten gurpilak... Baina gauza bat zegoan morroiak bere zergatia ulertzen ez zuena: batel bat sabaiatik zintzilik. Sabaiaren alde batean bi iltze handi osorik sartu gabe, eta beste bi beste aldean, hauek ere osorik sartu gabe, lauen artean bi eusten zietela, sabaia eta egurren arteko burdinazko barra bat sartzeko tartea uzten zutelarik. Burdinatik soka batzuk zintzilik batela eusteko. Abrahamek zioenez, itsasoan hondoratu gabe ibiltzeko asmatutako tresna bat omen zen batel hura. Morroiak itsasoa zer zen galdetu zion batean, itsasoa handik berrehun kilometrora zegoela, baina behin bere etxeko atea bustitzeraino iritsi omen zen mila egun eta mila gau euritan bizi izan ziren batean, eta batel hura urak ekarri omen zuen. Morroiaren amonaren bizkarrak bi gizaldien pisua zeukan, baina ez zuen horrelakorik gogoratzen. —Babarrunak egosteko ontzi berria ekartzeko esan diat. Abraham izar baten antzeko itsasontzi bat asmatu nahian zebilen batel hura aurkitu zuenetik. —Zaila duk zer nahi dudan esatea —esan zien behin entzun nahi zuten guztiei— baina nire itsasontziak ez dik jirarik eman beharko bere joera aldatu nahi denean. Zer gertatzen da iparrera hoala, hegoaldera joan nahi duanean? Bost minutu igaro behar dituk gutxienez itsasontzia jiratzeko. Nereak ez dik horrelakorik beharko zortzi branka izanen bai ditik, haize-arrosak bezala; nire itsasontzia ipar, ipar-sortalde, ipar-sartalde, sortalde, hego-sortalde, hego-sartalde, hego eta sartaldeari begira egonen baituk. Zortzi helize izanen ditik, baina lema bakarra. Oso garrantzi handiko asmakizuna duk ekaitzetarako. Sartaldeko brankaren gibel-aldea sortaldea izanen duk, eta hegoaldea iparrekoarena. Eta denetan berdin. Itsasontzia hondoratzeko arriskurik ez duk izanen, eta estetika aldetik begiratuaz gero ere, ez dik galerarik, irabazia eta irabazi handia baizik. Dena antolatuta zaukat, baina orain nire proiektua merkeagotu nahi diat. Helizeak kenduko banitu, zer jarriko nioke helizeen ordez? Babarrunen lapikoa irakiten jarri zuen babarrunen joera ikustearren. «Eta zortzi branketan zortzi galdara jarriko banitu?» Baina ez, irtenbide hori helizeak baino garestiago irtenen litzaiokeela eta, azkenean, helizeak aldaezinak zirela erabaki zuen. «Luzaroan nire asmakizun hau, gelan daukaten itsasontzia baino merkeagoa izanen delakoan nago». Morroiari baratzean zulo handi eta zabal bat egiteko eta urez betetzeko esan zion itsasontziaren frogak egiteko. Bitartean, Abraham bere ametsetako itsasontzia eraikitzen hasi zen. Itsasontzia amaitzeko tresna asko falta zitzaiola konturatu zenean, proiektuaren aurrera eramatea hiriko agintarien eskuetan uztea hobe zela eta itsasontziaren planoak igorri zizkien. Egunak joan, egunak etorri, agintarien erantzunik ez zuela izanen pentsatzen zegoen batean, eskutitz ofizial bat ekarri zioten: IZAR MINISTERIOA Von Braun, 26-IT-44 HIRURKI-00152. Nere Abraham jauna: Zuk igorritako planoak ondo aztertu ondoren, Karlos Erregearen mailako nire ministerioaren urrezko medaila merezi duzula erabaki dugu. Gure herria basoez inguratuta dago eta zuk asmatutako itsasontzia ez dugu beharrezko. Ezta ere beste herri guztiek, itsasoa orain dela gizaldi asko lehortu baitzen. Teknikoki hitz egitearren, munduak izan duen azken-bigarrengo glaziazioan. Dena dela, oroigarri gisa eta gure semeek itsasontzi bat zer den jakin dezaten, zure proiektua aurrera eramatea erabaki dugu. Herriak asko zor dizu eta on har ezazu hainbat mesede zor dizunaren omena. Zure zerbitzari... Eta izenpearen ordez, hogei eta bat zulo IBM tresnatan erabiltzen diren fitxek bezala. AT JOATEN GARANEAN I Ez dakit zergatik ez den inor ni agurtzera etorri. Estazioa ez dago hain urruti. Askotan denak ni noiz joan zain zeudela iruditzen zait. «Londresera noa». Ez zen inor harritu. «Bost urtetan ez nauzue ikusiko». Kolpea oso ondo preparatuta neukan asko atsegin baitzait lagunak nitaz kezkatzea. Baina «ondo pentsatu baduk, ez zaukagu zer esanik» hotz bat besterik ez nuen entzun. Bost egun igaro nituen erabakia sendotzen; zaila da jaioterritik alde egitea, zelan utzi hainbat diru ematen didan maisutza, mutil-zahar izateko arriskuan nago, amaren negarrak ez dira txikiak izanen, Anek zer pentsatuko ote du. «Ondo pentsatu baduk, ez zaukagu esanik», izan zen lagunen erantzun bakarra. Bizitzak beste garrantzirik izanen ez balu bezala. Tren hau ez dihoa Parisera joaten dena bezain azkar. Ez nuen uste nire lagunak hain sasilagunak zirenik. Hogeita bost orduko bidaian badaukat non aspertua. Aurrean daukadan neska ez dago oso gaizki. Anek zer pentsatzen ote du? Azkenean ez dugu garbiegi hitz egin. Badakit maite dudala eta baita ere maite nauela. Edo ez? Ez dugu behin ere garbi hitz egin. Mila gauza aitatu dugu gure elkarrizketetan baina puntu hauetan atzeratu egin gara beti. —Nahi al duzu? Ingalaterran kontuz ibili beharko dut tabakoarekin. Erroman izan nintzenean, asko zaindu behar izan nuen dirua. Gure tabako txarrenak baino txarrago batek hirurehun eta hamar lira balio zuen. Hogei eta hamabost pezeta kanbioan. Dena dela, gure hau erreko dut dagoen bitartean eta ez dagoenean, ez erretzen saiatu. Mugan daukadan tabakoa pasatzen utziko ote didate? Eskolako mutilak oso ondo portatu dira. Ehun zigarro-pakete eman dizkidate. Seguru aski Erramunen gauza izanen zen. —Zer herri da hau? Nongoa ote da? Erromara joan nintzenean, Iruñe-ko neska bat ezagutu nuen. Psikologia ikastera zihoan ez dakit nork emandako diruarekin. Nork eman ote zioten beka? Niri ez didate eman nahi izan Aurrezki Kutxan. Ez omen nuen dirurik aurreratu. Zelan aurreratu Estatuak maisuei ematen digun soldatarekin? Baina, tira, ondo konpontzen nintzen partikularki ematen nituen klaseekin. Muxuka ere jardun ginen. Askotan gertatzen ohi dena da. Bidaia luzeegiak dira eta lo egin nahi izaten da eta burua aldamenekoaren sorbalden jartzen eta lo egiten ez bada ere, itxura-itxuran egoerak onartzen dira, aldamenekoak lo egin nahi izaten du, eta burua nire bizkarrean jarri zuen, eta lo egiten ez bazuen ere, itxura-itxuran elkarri eskainitako egoera onartu, nik gauza hauek ezagutzen ez banitu bezala eta, azkenean, muxuka hasi ginen, andere batek egoera hauetan sortzen den eztul-estutasunari ekin zion eta guk, barnean, barre egiten genuen, interbentorea azaldu zen, billeteak pikatu gabe azaldu ginen Erromara, muxuka jardun ginen, zergatik hasten ote dira beti eztulka, Ventimiglia-n geunden, ni turismoa egitera nihoan eta Iruñeko neska Psikologia ikastera ez dakit nork emandako beka batekin. Bazen ordua. Aspertuta nengoen. Azkenean, Londresera noa. «Gaztegia zara, itxarotea ez zaizu damutuko». Bi azkeneko urteetan gauza bere entzuten egon beharra. Dena dela, hemen nago, eta trenak ez dira atzeraka joaten. Aspertuta nengoen herri hartan. Aurpegi berak beti, gauza berak denda beretan, gazte gehienak erdi mozkorrak. Ezagutzen ditut nigatik esaten dituztenak. Hor zebilen orain dela gutxi arte Antxon, Marx gora eta Marx behera. Eta proletariotzaren iraultzaz hitz egiten zuen beti. «Proletariotza da, Marxen baitan, iraultzaren subjektua». «Gezurra —erantzun nion nik—; Marx-ek ez du horrelakorik esaten. Marxek iraultzaren subjektua proletariotza zela esan zuenean, historia-egoera batzuk onartu zituelako izan zen: Alemaniako proletariotza zapalduta eta bat eginda ikusten zuelako, alegia. Egun, egoerak aldatu badira, zergatik ez da iraultzaren subjektua aldatu behar?». Isilik gelditu zen. Eta gero: «Barka, ez nuen uste Marx irakurria zenuenik». Zer uste dute? Gainera, mundu honetan Marx besterik izanen ez balitz bezala. Nork irakurri du Ionesco eta nork Joyce? Edo García Marquez? Literatura eta ertia burgeskeriak dira. Gainera ahoa bete-beterik dutela esaten dute: Burgeskeria. Marx bakarrik irakurtzea da burgeskeria. Noski. Ionesco eta Joyce, eta Marquez, eta Jarry eta Sartre dekadenteak dira. «Socialist realism» esan, eta hain lasai gelditzen dira. —Ez, eskerrik asko. Nirekin hitz egin nahi badu, egon dadila lasai. Hori bakarrik falta zait: Herritik irten eta herritar batekin hitz egin behar. Ezagutzen dut berak ezagutzen ez banau ere. Baina ez diot ezer esanen. Seminarioan egon zen ez dakit zenbat urtetan eta orain herriko jabea dela iruditzen zaio. Beti gertatzen ohi da. Honek badakit «marxismoa», «proletaritzaren iraultza», «konsumoko gizartea» eta horrelako gauzak esaten dituela, baina apustu eginen nuke erdiaren erdi ez dakiela. «Ea, zer da kontsumoko gizartea» nik, eta berak «bada... gizarte kapitalistak sortu duen...», eta nik «hori bakarrik?» «ba, baldintza ekonomiko eta politikoak sortutako...» berak eta nik «eta soziologikoak, kulturalak, psikologikoak, erlijiosoak ez al dute ezertarako balio?». —Ez dakit. Ikusten ari naiz beste departamentu batera joan beharko dudala... Ama oso haserre gelditu da, baina beti bere gonapean egonen naizela uste al du? Konpondua dago. Orain dela astebete ikaragarrizko iskanbila sortu zidan, eta dena nik beltzez jantzita itsusia zegoela esan niolako. Aitona orain zortzi hilabete hil zen, eta nahiko denbora badela uste dut. Dena dela, beltzez janzten jarraitu nahi badu ere, ez zeukan horrelakorik sortu beharrik. «Denok beti nire aurka zaudete; ikusiko duzue ni falta naizenean; dirua nondik etortzen dela uste duzue...?». Nik gauza horiek jakinen ez banitu bezala. Bidaia luzeegia eginen zait, eta zerbait irakurri beharko dut. Hurrengo geltokian zerbait erosteko denborarik izanen al dut? II Ez nintzen behin ere itsasontzian ibili. Mareatu eginen nintzela uste nuen, baina badira bi ordu eta sagar bat baino freskoago nago. Aneri postal bat bidaltzea ahaztu zait. Orain gogoratzen naiz nor den neska hori. Sakristauaren alaba da. Noski, ez da harritzekoa ni ez gogoratzea. Beti Donostian sartuta Donostiako mutilak Persiar tigreak balira bezala, eta gu ibai zikinetako elefante batzuk. Ez dut ulertzen. Ane oso bestelakoa da. Oso herrikoia izan da beti, eta herriko arazoekin kezkatu ohi den neska. «Wisdow». Itsasontzi honen izenak zakur batena dirudi. Honezkero alfabetatze-saioa hasia egonen da. Negargarria da hogei eta hamar besterik ez joatea. Herriarengandik ihes ote nabil? Gure herriak kulturaz hornitutako gizonak behar ditu, eta horregatik noa Londresera filosofia ikastera. Bultzada batzuk behar ditu gure herriak. Herrian ez naute ulertu. «Ondo pentsatu baduk, ez zaukagu zer esanik». ltsasontzi honen barandak ez dira handiegiak. Ekaitza denean, oso erraza da hemendik erortzea. Ze arrain ote da? Ez naiz diruz oso ondo ibiliko. Erdarazko klaseak eman beharko ditut. Batzuk platerak garbituaz ordaintzen omen dituzte bere ikasketak. Niri ez zait oso egokia iruditzen. Snobzale gehiegi dago gure herrian. Parisen dauden ikasle asko goserik ibiltzen omen da. Baina zertara joan dira: Ikastera edo gosea pasatzera? Dena dela, mila pintore, ertilari eta filosofo goserik bizi izan dira eta nor hil da? Baina ni ez nintzake haien egoeran jarriko. Neska horrek pena ematen dit. Eta dena, txikitatik nahi zuena egiten utzi ziotelako. «Hau nahi dut», «har ezazu, maitea»; «hango erakuslehioan soineko berri bat dago», «arratsaldean erosiko dizut»; «dauzkadan oinetakoak modatik pasata dauzkat», «bihar Donostiara joanen gara berriak erostera». Hau eskatu, hau eman; hori nahi, hori eduki; hura desiratu, hura lortu. Eta gero ez dute arrautza-pare bat frijitzeko funtsik. Bizitzaren oinarri bat falta zaie. Zertara ote doa Londresera? Egunen batean «Londresera joan nahi dut» esanen zuen etxean, eta «noiz joan nahi duzu» erantzunen zioten. Hemendik bost urtetara zer izanen ote da nire herria? Zer esanen ote du Anek? Atzo dutxaren azpian nengoenean negarra heldu zitzaidan begietara. «Nora joan nahi dut? Ez al naiz nire herrian aseko?». Hemen nago, eta ez dakit zer gertatuko den. Bitartean, bederatziak izateko bizpahiru minutu falta direlarik eskuetan hutsa nabarmentzen dut, izerdia bularrean, astuna buruan, amets honek amairik izanen ez balu bezala, gerokoa noiz etorriko den zain, hura ote da kapitaina, hemen daudenak ba ote dakite bere gerokoaren berri, sakristauaren alaba gaixoa, Anek maite ote nau, ama negarrez egonen da, maite ote dut Ane, alfabetatzeak beste era batera antolatu behar dira, Ane ere joaten da, barreak gainditzeko indarra banu herrira hurbilduko nintzake, Ane nirekin lotsatuko litzake, nire amets honek ez du azkenik izanen, Aneri postal bat bidali behar diot, ez da egoera ona gosea pasa behar izatea. Van Goghek ere gosea pasa zuen, ez naiz oraindik mareatu, herrira hurbiltzen naizenean zelan aurkituko ote dut, sakristauaren alaba zertara ote doa Londresera. * * * Azkenean, Londreseko bidean! Eskutitz bat idatzi diot nire Donostiako taldeari. Moilara iristean bidaliko diet. «Lagun maiteak: Mantxako itsasoan, lainoak ilunean ezkutatu baino lehen, zuetaz gogoratu naiz eta berehala idazten jarri. Azkenean ez nizuen nire bidaiaren berririk eman. Londresera noa 'Institut of Modern Art' ikastetxean marxismoaren estetika ideiaz doktoratzera. Dakizuenez, ez daukat dirurik, ez didate bekarik eman, eta etxe batean neskametzan lan eginaz ordainduko dut ikastaro hau. Segur aski gosea pasa beharko dut, baina ez daukat beste erremediorik. Idatzi: zuen eskutitzak behar ditut. 'Tiffany's'era joaten zaretenean dantza egitera, nire izenean dantza egin. Oraintxe itsas gainean 'blues' bat dantzatzen hasiko nintzake. Eskumuinak denei; agur». Amak hogei mila pezetako beroki bat erosi nahi zidan, baina ni haserretu egin nintzen. Holakorik! Londreseko familia hori zer moduzkoa ote da? Diskoak oso merke omen daude... Nora begira dago aker hori! Harrituta gelditu da. Segur aski «Etudes» besopean daukadalako. Zer uste zuen? ORAINDIK MAITASUN ISTORIO BAT Alex maitea: ... eta Neuchâtel oso polita da. Amaia ikusten ez zaion aintzira handi eta polit bat. Suizak bere txukunarekin bereganatu nau. Kale garbiak, etxe garbiak, haur garbiak... Denak oso pozik bizi direla dirudi. Alex maitea: Etxean oso ondo hartu naute. Senar-emazteak hogei eta hamabost urte dituzte. Senarrak literaturan doktore maila dauka, eta Friburgoko Unibertsitatean frantses literatura ikertzen du. Bi liburu dauzka argitaratuak. Bat «Nouveau roman et responsabilité», eta bestea «James Joyce et l'heure de notre destinée». Hemen asko estimatzen dute. Emazteak zaharkinen dendatxo bat dauka. Egunaren zati luzeenak etxean igarotzen ditut bakarrik. Gabonetan ez naiz horrat joanen... Alex maitea: ...Hemendik bost kilometrora dagoen herrixka batean «Aquarium» bat dago, eta han katu-arrain bat tiburoi izenarekin. A zer barreak eginen lituzkeen zure aitak hau jakitean! Oso gustura nago. Etxekoandrea petrala da, baina ondo konpontzen gara. Andonik astero idazten dit, eta haren bitartez jakiten ditut horko berriak. Zuk zeureak bidali... Alex maitea: ...Nere Sautier Casaseca-ren dramatxoaz idaztera noa. Beste etxe batera aldatu naiz. Beste etxeko andereak nirekin nahi zuena eginen zuela pentsatzen zuen. Oso bitxia zen, baina egiten zizkidan eta ez zizkidan guztiak jasan egiten nizkion. Orain dela astebete, hau da, joan zen larunbatean, errieta osoan igaro zuen goiz guztia (ez zen dendara joan), eta etxe hartan ez nuela denbora gehiago pasako pentsatzen jarrita nengoen. Arratsaldean egunero bezala kalera irten nintzen berari baimena eskatu ondoren: «Nahi baduzu, kalean aurkitzen duzun lehengoarekin igaro dezakezu gaua». Seietan etxera hurbiltzean dena itxita zegoen. Nere giltzak ez zuen balio etxeko atea irekitzeko, hau segurtasun sarrailez itxita baitzegoen, eta, azkenean, ordubete ate ondoan negarrez igaro ondoren, lan guztiak eginda zeuzkan, eta ez zidan ezertxo ere eman afaritarako. Hurrengo egunean han dagoen gure apaiz Aita Xalbador, eta nik etxe horretatik irtetea pentsatu genuen, baina lehendabizi beste etxerik aurkitzen posible zen edo ez jakin behar genuen. Lan-agentzia batean beste etxe bat aurkitu nuen, eta astelehen goizean etxekoandrea agurtzen hasi nintzenean, iskanbila bizian hasi zen, poliziari hots egin zion nire aurrean nik kontratu bat egina bainuen, baina poliziak ez zuen parte hartzerik nahi izan, eta horrelaxe alde egin nuen etxe hartatik. Okerrena, senarrak ez zuela txintik ere esaten. Liburu asko bere baitan, baina gizatasun falta harrigarria zeukan gizon ustel hark... Asteartean joan nintzen nire oraingo etxera, eta oso jatorrak dira. Bost eta bi urteko bi mutil koxkor dituzte eta azkar ohitu dira nirekin. Gauza asko esan behar didazu hurrengoan. Baina zeureak nahi ditut... Alex maitea: ...Oso pozik hartuko nuke zuk nire urtebetetzerako egin nahi didazun bezuza... Uler ezazu, magnetofoia ez zait egokia iruditzen. Gainera hemen hor baino hobeak eta merkeagoak aurkitu ditzazket. Hobe duzu, eta bihotzez eskertuko nizuke, disko bat edo bien bezuza. Ez al zara haserretuko? Niri gehienbat atsegin zaizkidan hauexek dituzu une honetan. «Lore txikia» Sidney Beckett-ena; Ray Charles-en edozein disko baina ahal baduzu kanta hauek dauzkana: «Georgia» eta «Yesterday». Edo, aurrekoak aurkitzen ez badituzu, Jazzeko edozein disko... Alex maitea: ...Zer esanen dizut? Gehiegi maite zaitudala? Oso gustura utzi nauzula eta bazela ordua... Andoni... nor ote zen egoten zinela? Ez kezkatu, maitea, Andoni nire anaia duzu. Gabonetan horrat joatea erabaki dut. Dirua aurreratzen joan beharko dut, baina bizitzak bere alai-aldiak ere bizitzeko agintzen digu. Kaleetan zuri-zuri dagoen elurretan etzan, bertan amildu, hodeitaraino hegan igo, Neuchâtel-go aintzira izoztuan murgilduko nintzake gaur bihotzean sentitzen dudan zirrarak eraginda... BETI GERTATZEN OHI DA I Amerikarrak Biltzirara etorri zirenean, Biltzirako semeak zer pentsatu ez zekitela gelditu ziren. Biltzirako semeentzat amerikarrak Iparamerikakoak ziren. Hegoamerikakoak ez ziren amerikarrak, hilda baitzeuden. Amerikarrek tresna gehiegi ekarri zuten Biltzirako jendearen fidantza irabazi nahi bazuten. Urtebete lehenago militar batek eraiki zuen etxe batean jarri ziren bizitzen, eta han sartu zituzten beren tresnak. Denetik zegoen etxe handi hartako garajean: Lainoak euritzeko koheteak, petrolioa bilatzeko lur-zulatzaileak, lurra aldatzeko traktore bi, sagardoa eta txakolina egiteko dolare bat eta, azkenik, Biltzirako nekazariak bihotzeraino zapaltzeko zakuka bat asmo. Biltziran ez zegoen alkaterik, baina egoera gogorrenetan herriko andere zaharrenak hartzen zuen agintea. Bere etxean bildu ziren nekazari guztiak. Denetik zegoen andere zaharraren etxean, militarrek eraikitako eta amerikarrek erabiltzen zuten etxe handiko garajean denetik zegoen antzera: Euririk gabeko bi urteek emandako gosea, lurra ereiteko erabilitako esku zartatuak, lurra aldatzen zeudelarik eguzkiak erretako aurpegiak, sagardoa eta txakolina egiten zimurtutako oinak eta, azkenik, zapalketaren aurka joateko indar falta. Andere zaharrenak hitz egin zuen lehendabizi: —Ezagutzen duzue egoera. Horiek ez dira guri mesede bat egitera etorri, horretan ez zalantzarik izan; gainera, ekarri dituzten tresnak igaliak jasotzeko, haziera bizkortzeko eta mila honelako lanetarako sortuak dira, eta garbi dago beraiek nahi duten igalia hemen, gure lur honetan dagoela. Denak konforme zeuden andere zaharraren gela zaharrean. Honela hitz egin zuen hamabi seme zituen gizon txiki eta lehor batek: —Konforme, erabat konforme nago. Orain zer egin behar dugun pentsatu behar. Jakina, egun ez daukagu ezer egiterik. Gure igitaiek ez dute ezer balio haien arma handien aurka. Arma horiek su hartzen dutenean, guk ¡plos! eginen dugu. Besterik ez. Eta besterik gabe. Orduan, eta konforme bazarete, luzerako plan bat pentsatu behar dugu. —Bai —esan zuen burua bere tokian zuela esaten zuten gizon batek—. Horixe da guk egin behar duguna. Hauxe da nire plana: Amerikarrek gaur hemendik bidaliko bagenitu, eta nahiko zaila izanen litzaiguke, ez ditugu bere tresna horiek izanen, eta izaten baditugu, alferrik, ez baitugu tresna horiez lanik egiteko prestasunik. Eta honela beti behartsu izaten jarraituko genuke. Horregatik deritzot hau dela planik onena: Lehendabiziko urtean beraiekin kolaboratu eta hau bi arrazoirengatik: bat, beraien konfidantza irabazteko eta, bestea, tresnak erabiltzen ikasteko. Orduan hilko ditugu. Konforme al gara? Denak konforme ziren andere zaharraren gela zaharrean. Piku batzuk jan zituzten erabakia baieztatzeko, eta denak bere etxeetarantz joan ziren. II Biltzirako semeek ez zuten ezagutu zer zen lasaitasuna eta zer bakea. Goizean bostetan jaikitzen ziren, eta gaueko hamabietan oheratzen. Bi urte igaro zituzten horrela. Biltziraren eta Biltzirako semeen aurpegiak aldatu ziren arte. Biltzira garrantzi handiko herria bihurtu zen: asfaltozko kaleak egin zituzten lehen lokatza zegoen tokietan, eta fabrika bat eraiki herriaren gibelean. Biltzirako semeek bere izerdi guztiak isuri zituztenean, hezurretan iragartzen zitzaien bizkar gainetan eramanen zituzten zakuen pisua. Egoera hauetan igaro zituzten bi urtean, Biltzirako hamabi gizon, hogeita bi andere eta hirurogeita bi haur hil ziren. Bi etxe hondoratu ziren, eta etxe haietan bizi ziren bi sendiek txabola txiki bat eraiki zuten gaueko ordu bi eta erdietan eta hantxe bizitzen jarri. Amerikarrek herriko urak kendu zituztenean, hilobiraino lagunduko zien zikina sartu zen Biltzirako semeen haragi-zuloetan, lanean zeudenean kaka galtzetan egin behar izaten zuten, eta euria ari zenean lana biluzik egin behar jantzi bustien hotza hezurretaraino sartzerik nahi ez bazuten. Andere zaharra tuberkulosi, minbizia, eskorbuto, peste eta bihotzekoaz gaixotu zen kolpe batean eta beste kolpe batean hil. Gauzak horrela zirelarik, bilera bat egitea erabaki zuten Biltzirako gizon-andereek. Burua bere tokian zeukan gizonak honela hitz egin zuen: —Heldu da denok itxaro genuen unea. Hogeita bost fusil dauzkagu amerikarrei lapurtutakoak. Beraiek hogeita hamar dauzkate, baina ez dira hamabi gizon besterik. Jokoa gure alde dago. Bihar denok lanera joanen zarete. Ni eta atzo hil zen andere zahar gajoaren semea mendirantz joanen gara. Badugu irtenbidea: zerbait galdetzen badigute, nagusiak zuhaitzak ebakitzera bidali gaituela erantzunen dugu. Baina fusilak eramanen ditugu aizkoren ordez, eta zuei begira egoten diren gizon armakikoak hil. Andere zaharraren etxean daude gainontzeko fusilak. Guk zuei begira egoten diren gizonak hiltzen ditugunean, zuek militarrek eraikitako, baina orain amerikarrena den etxera joanen zarete. Guk, bitartean, garajean atezain egoten dena hilko dugu. Zuek eta guk biok etxearen inguruan ipiniko gara, eta fusilak kargatuko ditugu. Zuek defenditzen banauzue, nik su emanen diot etxeari, eta su ematen diodanean andereak garajearen inguruan egonen zarete, han sua piztuko balitz berehala itzaltzeko. Garajeak suaren arrisku txikia du etxetik oso urrutiratuta dagoelako, baina posibilitate guztiak neurtu behar ditugu: hango tresnak baliotsuegiak dira gure zuhurtziagabekeriaz erretzeko. Nor prestatuko da fabrikako atezaina hiltzera guk hau dena egiten dugun bitartean? Zeuden gizon-andere baino esku gehiago altxa ziren. Hamabi seme zituen gizonak hitza eskatu zuen: —Zazpi seme hil zaizkit bi urte hauetan, eta beste bostak oso gaixorik daude. Bizitzak ez du niretzako zentzu handirik. Utz nazazue fabrikako atezaina hiltzera. Gibelak kenduko dizkiot nire seme gazteenari jaten emateko. Denak isildu ziren. Gau hartan ez zen pikurik jan erabakiaren baietza sendotzeko. III Hamar urte igaro dira. Betiko arazoa da. Eta, azkenean, beti berdin gertatzen da. Gezurrik ezin esan atezainari gibelak kendu nahi dizkion gizonari. Zein ederra den gaur Biltzira eta zein ederrak Biltzirako odolik gabeko zelaiak. KRISOTEMI Gela batean, jendez beterik, bi neska-mutil, biak gorriz jantziak, eta beste gelako guztiak beltzez. Elkarrizketa honi esanahia aurkitzen saiatuko direnei, ohar bat: Beltzak hildakoak eta gorriak bizirik daudenak direla iruditzen bazaizue, oker zabiltzate. Saiatu beti idatzitakoari amore ematen. Eta nik ez ditut inon hildakoak aipatu. Festa bat dirudi gelako giroak. Noizbehinka morroi batzuek xanpaina eskaintzen eta gozokiak ere bai eta, nahi baduzue, hauek zuriz jantzita. Eta zuriz janzte honek ere ez du ezer esan nahi. Eta pertsonaia harrigarria urdinez. Eta honek ere ez du ezer esan nahi. PILADE.— (Gorriz jantzitako mutila). Klitenestra! KLITENESTRA.— (Gorriz jantzitako neska). Zer nahi duzu? PILADE.— Esadazu esna nagoen edo ametsetan murgildurik, ez dudala ezer ikusten. KLITENESTRA.— Zaude isilik! Erotu egin al zara? PILADE.— Ez, baina berehala erotuko naiz hor aurrean daukagun hori Krisotemi ez bada. KLITENESTRA.— Krisotemi? Nor da Krisotemi? PILADE.— Ezkerrean dagoena. Bai, horixe. KLITENESTRA.— Ez nizuke bai edo ez esanen. Ez dut behin ere nire aurrean ikusi. PILADE.— Nik ere ez. Baina bost duroz bat hori Krisotemi dela. KLITENESTRA.— Ez naiz Krisotemi nor den ondoegi gogoratzen. Esadazu bere berriren bat. PILADE.— Bada, han zegoena eta gero horrat etorri zena baina, amonak esaten duenez, hemen behin ere egon ez dena. Edo beti, ene ustez. KLITENESTRA.— Bai, ondo gogoratzen naiz orain. Hiru bertute omen ditu: Hau esan, hori egin, hura maitatu. PILADE.— Krisotemi, izenez. Kri... so... te... mi... Amonak asko maite zuen. KLITENESTRA.— Horixe dela esanen nuke. Ez hemen, ez hor, ez han baina hemen, hor eta han. Zalantzarik gabe: Horixe dugu Krisotemi. PILADE.— Gogoratzen al zera? Behin hara joan omen zen, eta zerbait eman omen zuen, eta han zeudenek ikaragarri eskertu omen zuten berak emandako zerbait hura. KLITENESTRA.— Bai, argi dago Krisotemiren bihotz ona. Eta hor hitz egiten hasi omen zenean? «Ni naiz hemen nagoena eta asko eskertzen dizuet hitzei diozuen errespetua». PILADE.— Ez naiz harritzen amonak Krisotemiri dion zeraz. KLITENESTRA.— Hitz eginen al diogu? PILADE.— Nik «orain bai» esanen diot. KLITENESTRA.— Berak «zerbaiten itzalean bizi zara» erantzunen dizu. PILADE.— Eta zer esan behar diozu zuk? KLITENESTRA.— «Hobe horrela» seguru aski. PILADE.— Hitz ederrak, benetan. KLITENESTRA.— Ekintza oso erreza da begi xinplerekin begiratzen badiozu. Baina negozioek ere badute bere garrantzia. Gainera, zazpigarren aginduak dionez, beltzek ere ezagutzen omen dituzte emakumeak. Ez dut zalantzarik: hemen zerbait harrigarria gertatzen ari da. PILADE.— Ez dago biluzik. Begi onez begiratu behar diogu ihes egiteak ez baitu garrantzi handirik arriskua hor, hemen, han dagoenean eta munduan ostikoka hasten garenean, hutsuneak ugarituko zaizkigu eta nortasuna hilko zuhaitzaren itzalak itxaropena ematen badigu. Gu gara maisuak, eta Krisotemik dauka indar guztia; zuzena erosiko digu baina, azkenean, soka batetik zintzilik hilko gara. HIL ZENEAN Neme berriro hasi omen da olerkiak idazten. Bizkarra zeharo zuritu ote zaio? Gizaldiaren erdia atzoko eguzkiaren irteeran jaio zitzaionean, edo hil, hutsetik berrogei eta hamarrera jotzen badugu, liburuxka bat Lapurdiko argitaraldi batean, Axularren lurraldeetan, azal orlegia, Ikortaren marrazkiak, hitzaurrean «hemen nauzue berriro» hitz hutsekin gauza asko esaten hasi zen berriro Neme bere olerki miragarrietan. Bere etxean sartuta, Uztaritzen edo Angiozaharren ez dakit, ordulariak urteak markatzen zituelarik egon da Neme hogei urte munduaren berririk jakin gabe eta mundua bera gabe. Zuhaitzak izanen zituen sonak, denekin ezkonduta baina inorekin lotu gabea, eta gaur, «mahaia igaliz beteta utziz, ohea emazte hotzarekin, gelak bere arnasarekin eta maitasunarekin herria joan zen eta gure hezurren ordez bereak printzatuko dituzte». eta bihar, «zerutik datozen lainoak eta zauriak, gure herriaren kanpai-hotsak. amaren sabeleko semeak, gazteen barreak etorriko direla gogoratzen digute». Eta etzirako, «eta hori dela bizitza. Negarra dela bizitza. Zigorraren mina dela. Arkakusoen agintea, bizitza. Odolik gabekoen menpea dela. Eta hori dela bizitza». Eta betiko, «Badakit zer den heriotza eta zer hezurrez betetako hilobia, arnasarik gabeko ahoa, txantxetan ari ez den hitza». Orain duela hogei urte, lana elkarrekin egiten genuenean, teknikoak jaten genituen, apaizak hilobiratzen eta kritikoak ahazten eta Kafka irakurri genuen. Uharte batean jarri ginen bizitzen biok bakarrik, eta ez zen itsasontzirik etorri gure maitasuna etetera. Laranjak jaten genituen, eta biluzik ibili hondartzan, eta egunero itsas zabalean elkarrekin murgildu. Paradisuan bezalaxe. Behin dortoka bat ikusi genuen hondartzan, gure uhartera hiltzera etorri zen dortoka bat. Kutxatxo bat egin nion, eta Nemek gurutze bat ipini lurperatuta utzi genuen tokian. Eta «hemen jaio da behin betiko hondar hauen arnasa» egur zabal batean idatzita. Uhartetik etxerantz abiatu ginenean, bere olerkietan murgildu zen, eta nitaz ahaztu. Orduko liburu hartan, azalean marrazki beltz bat: Dortoka. Liburuaren izena ere hizki beltzetan: «Hemen jaio da behin betiko nire lokatz honen arnasa». Gaur arte. Eta gaur, bere olerki batean: «Mundua hain arestikoa zelarik, gauza askok ez zuen izenik eta behatzarekin bereizi behar izaten ziren. Eskuetan hamar egiak eta behatzetan luma bat eduki dut nire gorputza pixkanaka zulatuz joateko, arestiko mundu hori aurkitzeko». Uhartean hasi nintzen pintatzen. Eta bere bizkar zurian egiten nituen boligrafoz nire lehendabiziko apunteak. Itsasoak garbituko zituen gero, ene bizkarreko apunte haiek. Nemek esaten zidanez «zure apunteek ez dute oraindik, eta ez ditut ikusten, sentitzen baizik, oinarririk aurkitu. Nire ornoaren zuzena pintatzen duzunean bakarrik iritsiko zara oinarrira. Hor, goitik behera, edo, espirituak garanez, behetik gorako zuzen horretan haseko gara». Baina bere atzoko liburuan ez da zuzen horretara iritsi. Eta Ikortaren marrazkietan oker gehiago daude zuzenak baino. Eta zergatik ez dit deitu? Iritsi naiz pinturaren funtsera, eta nire apunteak ezin zuzenagoak dira, behetik gorakoak, margo xinple batean. Eta bere bizkarrean edo itsas zabalaren ildoan daude nire bihotz eta apunteak. Apunte zuzenetan ote dago oinarria? Neme konturatu egin da. Estetika berri batera doa. Picasso bezala: begi galduak, alde batean biak, begia da bihotza eta bihotza alpargataz erabili behar litzatekeen gauza. Eta gaur, Uztaritzen edo Angiozaharren, zuhaitzak senartzat harturik dago Neme gizaldiaren erdia atzoko eguzkiaren irteeran jaio zenean, edo hil zenean, hutsetik berrogei eta hamarrera jotzen badugu. Hil zenean. Bai ezean eta ezin bestean. HAR EZAZUE EPILOGOTZAT Gizon eroria etorri zait bizitzaren beheko aldetik, heriotza loratzen, martxotzen den ganbaratik. Bai, bai, bai... Noski, ba! Bertze batean. Bihar goizean? Zain, zain, zain gelditu gera biok; Noiz eroriko naiz ni. Edo —eta berdin dio— gizon eroria noiz jaikiko ote da. Primo agitur de ente; deinde et principaliter, de essentia. Bagoaz —ba al goaz?— eta goazen betiko. Hemen al zaude? Noiz lapurtu dituzu bizitzaren San Tomasak? Nolatan zurituko dut belzten ari naizen paper hau? Eta borobil, borobil, borobil, —Oteizaren arrautza ez, noski— eta borobil, borobil, borobil, gai berri bat asmatu dut estetikarako. James Joyce hil zen baina «muskiren orlegia irlandarren pin- turarako» utzi ondoren. Nik, «eta borobil, borobil, borobil» euskaldunen tristeziarako. Asteko egunak eguneko asteak bihurtu dira. Eta eguneko astearen orduak, orduko egunaren asteak... Eta orduaren eguneko astearen minutuak... Suspentsioko puntuetan gelditu dira minutuak. Segun- doen zain, alegia. «Muchas mujeres tienen hijos, y las mujeres que tienen hijos están contentas» esaten du Aurora de Albornoz-ek. Minutuekin gertatu ohi den antzera. Minutu askok segundoak dituzte eta kontent daude segundoak izaten dituzten minutuak. Eta bitartean, Euskal Herrian, izenik gabeko etxe batean, lau mila euskaldun —nekazari eta politiko— lau mila goseti Euskalerrian izenik gabeko gose betean. Lehendabiziko irtenbidea; bigarren aukera; hamargarren lehendabiziko irtenbidea. Estrategia da dena. Herria bere onetik atera zen eta «erotu behar ba- duk, bakarrik erotu» —deiadar— «baina ez ahale- gindu segundoei hire bai-ezak ematen». Ni, lasai, ez nintzen beldurtu nire herriak, desperantzaz era- ginda, ordularia lurrera jaurti eta apurtu zuenean. Beste berri bat egin nuen eta... ...goitik behera, mahastiak herri aldera tokirik ez dutenean, itxaropenak, malko-hur bihurturik, bakea ukatzen duenean... ...goitik behera herri baten dohainak, ur behera ahaztu ezin diren ekaitzak... ...goitik behera indarrik gabeko abestiak, txalotzen diren bularrak; beldurrarekin batera sortu da gure herriaren eraztuna... ...goitik behera, alde batetik bestera, lokatzetan dagoen gurasotza... goitik behera... ... askatasunera. GEHIGARRIA: Noizbait hasten baita Aritz Galarragaren 2014ko martxoaren 30aren artikulua ARGIAn plazaratua Berrogeita lau urte luze eta oparoko ibilbide literarioa noizbait hasiko zen. Eta abiapuntua Hunik arrats artean honetan kokatu behar. 1970. Gutxigatik, Rafael Berrioren diskorik merezi ez duen urtea. Ipuingintza huskeria izatearen ustetik libratzen ari zen garaia. Anjel Lertxundi “izan zen lehena, Martin Ugalderen ondoren, ipuina modu sistematikoan lantzen eta genero honi literatur balio osoa ematen”, esango digu Izagirre-Mendiguren tandemak. Ipuin liburuaren azal hegala mintzo zaigu orain, akaso ausarki, estreinakoa baitzen, hogeita bi urterekin argitaratua: Anjel Lertxundi “euskal literaturako ipuinegileen artean onenetako bat da”. Hasier Etxeberriaren Bost idazle elkarrizketa liburuan aitortzen du Lertxundik azal hegal horrekiko ahalkea; berak idatzi ez zuela aitortzeaz gainera. Emaitza gogoangarrienak nobelagintzan aitortu bazaizkio ere –Hamaseigarrenean, aidanez; Otto Pette–, Espainiako sari nazionala saiakera batekin irabazi duen arren –Eskarmentuaren paperak–, hasieran izan zen ipuina. Kasu honetan ipuin aski laburra, errebueltarik gabea, ez gutxitan bihurria. Tarteka, hegoamerikarren errealismo magiko deitu hura gogorarazten-edo diguna. Luisa ipuinean, esate batera, eta ez bakarrik “maitasuna ahariekin egiten” dutelako; protagonistagatik: “hamabi urterekin haurdun zen eta ez zekien aitaren berri. Augusto bere aita izan zezakean. Edo Augusto, bere anaia. Edo Augusto, bere etxean bizi zen lengusua”. Marteka saiakeratxora gerturatzen den ipuina, iritzitik iristen dena: adibide dira Pentagrama bat osatu ezinean –abeslariek, “musika fusilatu, hurkatu ditek, hitza salbatzearren”– edota “Bizardunen bizarra eta loretokia” –“Egun, estruktura etsai bat dugu eta ertilariak dira estrukturen salatzaileak”–. Tarteka eta marteka, azkenerako, izateko gure herriaren berri ematen digun ipuina. At joaten geranean, erakusgarri gisa: “Literatura eta ertia burgeskeriak dira”, aurrerago esateko “Marx bakarrik irakurtzea da burgeskeria”. Baina, tira, Lertxundik esaten zuen jada, 1970ean dagoeneko: “Snob-zale gehiegi dago gure herrian”. Berrogeita lau urte ez dira alferrik pasa, ordea; gauza batzuetan, onerako gainera: “Ba diat nik lagun bat astero Zeruko Argian idatziarren xentimorik kobratzen ez duena”. Lertxundiren obra gerora hazi da, sendotu, gainditu ditu hasierako ipuin haiek. Baina ia mende erdi bat geroago irakurririk, eta emailu batek kolpatzen digun bezala, “nekerik gabe atzemango dugu idazle baten sena bideratu zuela genero baztertu honek”. Ibilbide literario luze eta oparoena ere, beti, noizbait hasten baita. GEHIGARRIA: 1970KO EDIZIOAREN SOLAPA
lehenengo kapitulua – Ideia zoragarri bat Beneditarren eskuizkribu zahar batek dioenez, Deabruari eliza bat sortzea bururatu zitzaion egun batean. Deabrua, irabazi etengabeak eta handiak eduki arren, beheraturik sentitzen zen mende luzeetan izandako egiteko hutsalarekin, ez antolaketa, ez arau, ez kanon, ez erritual eta ez ezer. Nolabait esatearren, hondar jainkotiarretatik bizi zen, giza deskuidu eta oparietatik. Ez ezer finkorik, ez ezer erregularrik. Zergatik ez zuen izango, bada, bere eliza? Deabruaren eliza zen bitarteko eraginkorra gainerako erlijioei hortzak erakusteko, behingoagatik suntsitzeko. —Sortu behar dut, bada, eliza bat —bota zuen—. Eskrituraz eskritura, brebiarioz brebiario. Neronen meza izango dut, ardoa eta ogia erruz; neure sermoiak, buldak, bederatziurrenak eta gainerako elizkizunak. Espirituen nukleo unibertsala izango da nire kredoa, eta nire eliza, Abrahamen denda. Ondoren, gainerako erlijioak elkarrekin borrokan eta zatiturik direla, nirea izango da eliza bakarra. Ez ditut izango begien bistan ez Mahoma, ez Luther. Hamaika modu dira baiesteko; bakarra, ordea, guztia ukatzeko. Hori esatean, Deabruak burua astindu eta besoak zabaldu zituen, keinu arranditsu eta kementsuz. Ondoren, gogoratu zen Jaungoikoarengana joan behar zuela ideia horren berri ematera, eta desafio egitera. Altxatu zituen begiak, gorrotoak pizturik eta mendekuz gorriturik, eta bere artean: —Tira, bada garaia—. Eta bizkor batean, hegalak astindurik, itzaletatik irten eta urdin infinitura abiatu zen zalapartaka, infernuko probintzia guztiak airean jarririk. bigarren kapitulua – Jaunaren eta Deabruaren artekoa Deabrua zerura iritsi zenean, Jaungoikoa agure bati harrera egiten ari zen. Serafinak, iritsi berria girlandaz apaintzen ari zirela, berehalaxe geratu ziren, eta Deabrua sarreran baratu zen, Jaungoikoari begira. —Zer nahi duzu niregandik? —galdegin zion hark. —Ez nator zure zerbitzari Faustoren bila —erantzun zion Deabruak barrez—, ezpada mende luzeetan izandako Fausto guztien bila. —Esplika zaitez! —Jauna, samurra da azalpena, baina utzi iezadazu azaltzen: hasteko eta behin, jaso agure zintzo hori; ipini tokirik onenean, eta agindu laute eta zitara afinatuei ongietorria emateko korurik jainkotiarrenekin... —Badakizu zer egin zuen? —galdegin zuen Jaunak, begi eztiz. —Ez, baina zuregana etorriko den azkenetarikoa izan bide da. Hemendik gutxira, etxe huts baten moduan geratuko da zerua, prezio garestia du eta. Ostatu merke bat eraiki behar dut; labur esanda, eliza bat sortu behar dut. Asperturik nago nire anabasarekin, nire erreinu ezusteko eta arrotzarekin. Bada garaia azken garaipena eskuratzeko, osorik eta erabat. Eta, hortaz, horixe esatera etorri natzaizu, leialtasunez, ez diezadazun leporatu inkariorik. Ederra ideia, ez al da hala? —Esatera etorri zara, ez legitimatzera —ohartarazi zion Jaunak. —Zuzen zaude —erantzun zion Deabruak—, baina amodio propioak gogoko du maisuen txaloa. Jakina, kasu honetan garaituriko maisu baten txaloa litzateke, eta halako eskakizun bat... Jauna, lurrera jaitsi behar dut, oinarria ipintzera. —Zoaz. —Nahi duzu bueltan etortzea, obra-amaieraren berri ematera? —Ez dago beharrik; nahikoa da esatea zergatik pentsatu duzun orain eliza bat sortzea, horren aspalditik bazaude nekatuta antolaketa-faltarekin. —Deabruak irribarre egin zuen, isekaz eta garaipenez. Ideia krudelen bat zuen espirituan, erreparo garratzen bat oroitzapenen zakutoan; betikotasun-istant labur horretan, Jauna bera baino gailenago zela pentsarazten zion zerbait. Baina barreari eutsi, eta hauxe bota zuen: —Oraintxe bukatu dut ohar bat, duela mende batzuk hasia; alegia, erreginekin alderatzeko modukoak direla bertuteak, zeruko alabak, eta kotoizko parpailez erremataturik daudela haien belusezko soingainekoak. Orain, parpaila horietatik tira egiteko asmoa dut, eta guztiak nire elizara ekartzekoa; haien atzetik etorriko dira zeta puruzkoak... —Erretoriko zaharra! —esan zuen ahopean Jaunak. —Begira ondo. Munduko tenpluetan zure oinetan belauniko dituzun gorputz askok bitxiak ekartzen dituzte areto eta kaletik, aurpegiak hauts berarekin koloreztaturik, zapiak usain berberekin lurrindurik, begi-niniak jakin-minez eta debozioz dir-dir, liburu santuaren eta bekatuaren bibotearen artean. Ikus zer-nolako irrikaz –edo axolagabekeriaz, behintzat– kaleratzen dituen jaun horrek liberalki zabalduriko onurak, izan jantziak edo oinetakoak, edo txanponak, edo bizitzeko beharrezkoak diren gai horietako zeinahi... Baina ez nuke nahi pentsatzerik kontu txikietan geratzen naizela; ez naiz ari, konparazio batera, anaiarteko epaile honek prozesioetan zure maitasuna eta mandatu bat bularrean errukitsu kargatzeko atseginaz... Kontu gailenagoez jardungo naiz... Orduan, asperduraren asperduraz eta loguraren loguraz, serafinek hegalak astindu zituzten. Migelek eta Gabrielek erreguz begiratu zioten Jaunari. Jainkoak eten egin zuen Deabrua. —Zakarra zara, eta horixe da zure espezieko espiritu bati gerta dakiokeen okerrena —erantzun zion Jaunak—. Diozun guztia esana dute mundu zabaleko moralistek, behin baino gehiagotan esana ere. Iturri agortua da; ez baduzu indarrik edo originaltasunik agorturikoa berritzeko, hobe duzu isildu eta erretiratu. Hara, aurpegian ezagun dute nire legio guztiek zer-nolako asperdura eragiten diezun. Agure horrek berak ere gogaiturik dirudi. Eta badakizu zer egin duen? —Esan dizut ezetz. —Bizimodu zintzo baten ondoren, heriotza sublimea izan zuen. Itsas zabalean hondoraturik, ohol baten gainean hartu behar zuen babes. Baina ezkongai-bikote bat ikusi zuen, bizitzaren loraldian heriotzarekin borrokan. Salbatzeko ohola haiei eman, eta betikotasunean murgildu zen. Lekukorik ez: ura eta zerua gainetik. Non topatzen duzu hor kotoizko parpaila? —Jauna, dakizun moduan, neu naiz ukatzen duen espiritua. —Ukatu egiten duzu heriotza hori? —Guztia ukatzen dut. Misantropiak karitate itxura har dezake; bizitza besteri uztea, misantropo baten aburuz, gorrotatzea da egiaz... —Erretorikoa eta sotila! —egin zuen deiadar Jaunak—. Zoaz, bada, eta sortu zeure eliza; egin dei bertute guztiei, jaso parpaila guztiak, deitu gizon oro... Zoaz, bada, zoaz! Deabrua saiatu zen beste zerbait esaten. Alferrik. Jaunak isiltasuna ezarri zion. Serafinek, seinale jainkotiar batean, beren abestien harmoniaz bete zuten zerua. Deabruak bat-batean sentitu zuen airean zebilela; hegalak tolestu, eta, tximistaren pare, lurrera jo zuen. hirugarren kapitulua – Berri ona gizakiei Lurrera iritsi ostean, Deabruak ez zuen galdu minuturik ere. Jantzi zalapartaka beneditarren kapusaia, fama oneko abitu gisa, eta dotrina berri eta aparteko bat zabaltzeari ekin zion, mendearen barrenetan oihartzun egiten zuen ahotsarekin. Lurreko plazer guztiak agintzen zizkien dizipulu eta fededun guztiei, loria guztiak, atseginik minenak. Deabrua zela aitortzen zuen, baina gizakiek berari buruz zuten iritzia zuzentzeko eta santa zaharrek hari buruz kontatzen zituzten istorioak gezurtatzeko. —Bai, Deabrua nauzue —errepikatzen zuen—, baina ez gau sufretsuetakoa, lo eragiten duten ipuinetakoa, haurren izua, baizik eta egiazko deabru bakarra, izadiaren jeinua, izen hori gizakien bihotzetatik erretiratzeko hartu zuena. Hementxe nauzue, adeitsu eta lerden. Zuen egiazko aita. Ea bada: hartu nire itzal ona galtzeko sorturiko izen hori, bilakatu trofeo eta labaru, eta nik dena emango dizuet, den-den-den-den-dena... Halaxe hitz egiten zuen hasieran, karra pizteko, axolagabeak alertatzeko, eta, finean, jendetza bere oinetan biltzeko. Eta inguratu egin zen jendetza. Eta, iritsi bezain pronto, Deabruak dotrina definitu zuen. Ukapen-espiritu batetik irten zitekeen dotrina zen. Hori, mamiari zegokionez. Formaz, ordea, bestelakorik zen; batzuetan sotila, beste batzuetan, aldiz, ziniko eta lotsagabea. Aldarrikatzen zuen onarturikoez bestelako bertuteak behar zirela, naturalak eta legitimoak. Indarrean jarri ziren berriz harrokeria, haragikeria eta alferkeria. Baita lukurreria ere, esanez ekonomiaren ama baino ez zela; alde bakarra zen, ordea, ama mardula zela, eta alaba, berriz, txankila. Amorruaren defentsarik onena Homeroren existentzia zen. Akilesen karrik gabe, ez zen izango Iliadarik: «Ialki ezazu, Urtzemel, Akile Pelesemearen erresumiña...». Beste horrenbeste sabelkeriari zegokionez: harexek sortu zituela Rabelaisen orririk onenak, baita Hisoperen bertso bikain askoak ere. Hain zen gailena bertute hura, ezen inork ez baititu gogoan Lukuloren batailak, ezpada haren afariak. Sabelkeriak egin zuen, hain justu, hilezkor. Baina, arrazoi literarioak edo historikoak albo batera utzirik ere, bertute haren balio intrintsekoa erakusteko, ez al da askoz hobe otordu oparoak sentitzea aho-sabeletan, mokadu arloteak edo baraualdiko listua baino? Nork ukatu halakorik? Deabruak, bestalde, Jaunaren mahastia ordezteko hitza eman zuen; esapide metaforikotzat zuen hura, eta Deabruaren mahastia nahi zuen haren tokian; huraxe zen lokuzio zuzen eta egiazkoa, inoiz ez baitzien kale egingo bereei, munduko mahats ederrenen fruituarekin. Inbidiari dagokionez, hotz-hotzean zabaldu zuen hura zela bertute nagusia, hamaikatxo propietateren jatorria; bertute preziatua, beste guztiak ordezten zituena, baita talentua bera ere. Jendetza atzetik korrika zuen, gartsu. Deabruak, elokuentzia-keinu handiz, gauzen ordena berria irakasten zien, haien nozioak aldatuz, zitalak maitaraziz eta finak gorrotaraziz. Bitxietan bitxiena, iruzurrari ematen zion definizioa. Gizakiaren ezkerreko beso deitzen zion; eskuinekoa, berriz, indarra zen. Eta zera esaten zuen amaitzeko: —Asko eta asko dira ezkertiak, hara hor—. Baina ez zuen eskatzen guztiak ezkertiak izatea; ez zen esklusibista. Ezkerti zein eskuin, guztiak onartzen zituen, ezer ez zirenak salbu. Halere, erosgarritasuna izan zen erakustaldirik zorrotz eta sakonena. Garai hartako kasulari batek aitortu zuenez, logika-monumentu bat zen. —Erosgarritasuna —bota zuen Deabruak— beste guztien gainetik dagoen eskubide bat baliatzea da. Sal ditzakezu etxea, idia, zapatak, kapela, arrazoi juridiko eta legezko bat dela-eta zeureak diren gauzak, baina, nolanahi ere, zugandik kanpo daudenak; hori horrela izanda, nola ezingo dituzu saldu, bada, zure iritzia, botoa, hitza, fedea... Zureak baino ez diren gauzak, zure kontzientzia bera, hots, zu zerori? Horri ezetz esatea absurdua eta kontraesana da. Saltzen dute bada hamaika emakumek ilea? Ezin ote du gizon batek bere odolaren parte bat saldu, anemiak jota dagoen beste norbaiti emateko? Eta izango ote dute odolak eta ileak, parte fisiko izaki, izaerari ukatzen zaion pribilegiorik, jakinik gizakiaren zati moral direla? Printzipioa hala erakutsirik, Deabruak laster azaldu zituen denborarekin edo diruarekin loturiko abantailak. Ondoren, gizarte-aurreiritzia ikusirik, erakutsi zuen komenigarria izango zela zinez legitimoa den eskubide bat disimuluz egikaritzea, alegia, erosgarritasuna eta hipokresia aldi berean baliatzea; bestela esanda, bitan irabaztea. Eta gora eta behera zebilen, guztia aztertzen, guztia zuzentzen. Garbi zegoen hortzak erakutsi zizkiola irainen barkamenari, baita gozotasun- eta begikotasun-esakuneei ere. Ez zuen formalki debekatu doako iraina, baizik eta ordainsariz gauzatzera adoretu zuen, dirutan edo beste nolabait. Alabaina, irudimen-indarraren halabeharrezko zabalpen hutsa izanez gero, debekaturik egongo zen saria jasotzea, izerdia ordainaraztearen pareko litzatekeelakoan. Errespetu-forma guztiak kondenatu zituen, nolabaiteko begirune sozial eta pertsonalaren elementu ote ziren edo; kanpoan geratzen zen, halere, interesa. Baina berehalaxe erretiratu zuen salbuespen hori ere, iruditzen baitzitzaion interesak, errespetua zurikeria huts bilakaturik, azken sentimendu hori aplikatzen zuela egiaz, eta ez interesa bera. Eta eginahala errematatzeko, Deabruari iruditu zitzaion eten egin behar zuela giza elkartasun oro. Hain zuzen ere, hurkoa maitatzea enbarazu larria zen erakunde berrirako. Erakutsi zuen arau hori jantxakur eta negoziatzaile kaudimengabeen asmakeria hutsa zela. Hurkoari ez zitzaion zor axolagabekeria beste ezer; inoiz edo behin, gorrotoa edo mespretxua. Erakutsi ere erakutsi zuen okerra zela hurkoaren nozioa. Horretarako, Galiani izeneko apaiz napolitar batek esana ekartzen zuen, fina eta jantzia bera, zeinak hauxe idazten baitzion erregimen zaharreko markesetako bati: «Zer hurko eta zer hurko ondoko! Ez dago hurkorik!» Hipotesi bakarrean onartzen zuen hurkoa maitatzea: besteren emazteak maitatzean. Amodio mota horrek bai baitzuen bestelako berezitasunik, alegia, banakoak bere buruari dion maitasuna baino ez izatea. Eta dizipuluren batek pentsatuz gero halako azalpenak, metafisikaz, ulergaitz suerta zekizkiokeela jendeari, Deabruak alegia bat baliatzen zuen: —Ehun pertsonak banku bateko akzioak hartzen dituzte, eragiketa korronteetarako; baina akziodun bakoitzak bere dibidenduak baino ez ditu zaintzen. Horixe gertatzen da adulteriogileekin—. Jakintza-liburuan jaso zuen alegia hori. laugarren kapitulua – Parpailak eta parpailak Deabruaren aurreikuspena egia bihurtu zen. Belusezko soingainekoa kotoizko parpailaz amaiturik zeukaten bertute guztiak, haietatik tira egin ostean, eliza berrira joaten ziren, soingainekoa sasitara botata. Haien atzetik etorri ziren gainerakoak, eta denborak bedeinkatu egin zuen erakundea. Sortua zen Eliza; zabaltzen ari zen dotrina. Ez zen mundu zabalean haren berri ez zuen eskualderik, dotrina hura itzultzen ez zuen hizkuntzarik, kutuna ez zuen arrazarik. Deabruak garaipen-oihuak bota zituen. Alabaina, urteen joanarekin, Deabrua egun batez ohartu zen fideletako askok garai bateko bertuteak praktikatzen zituztela ezkutuan. Ez guztiak, ez eta osorik ere, baina bai batzuk: zatika, eta, diodan bezala, ezkutuan. Hainbat tripontzi arin samar jateko elkartzen ziren urtean hiruzpalautan, otordu katolikoen egunetan; lukur askok eta askok limosna ematen zuten gauez edo jendetzarik gabeko kaleetan; herri-altxorra xahutzen zuten hainbatek zenbateko xumeak bueltatzen zituzten; iruzurgileek bihotza eskuan zutela hitz egiten zuten aldian behin, baina plantak egiten jarraituz, gainerakoei sinestarazteko engainutan ari zirela. Horren berri izatean, harri eta zur geratu zen Deabrua. Gaitzaren berri gehiago jakin nahian hasi, eta ikusi zuen erruz zabaldua zela. Ulergaitz zitzaizkion kasu batzuk, belaunaldi oso bat pozoitu zuen sortaldeko botikariarena, adibidez: baliatzen zituen droga berekin, biktimen seme-alabak artatzen zituen. Kairo aldean, berriz, gamelu-lapur azti bat topatu zuen, zeina meskitetara sartzen baitzen, aurpegia estalirik. Deabruak, meskita bateko atarian topatu ostean, aurpegiratu zion zer ote zen jokabide hori; besteak ezezkoa, dragoman baten gamelua harrapatzera joana zela. Baita lapurtu ere, Deabrua han zuela ikusirik, eta muezin bati eman zion opari. Muezinak, berriz, Alari otoitz egin zion, erregalia eman zionaren alde. Beneditarren eskuizkribuak aipatzen ditu beste hamaika aurkikuntza aparteko; horien artean, Deabrua erabat nahasirik utzi zuen hauxe. Kalabriar bat zen Deabruaren apostolurik onenetakoa: berrogeita hamar urteko gizona, dokumentu-faltsutzaile sonatua bera. Etxe eder bat zuen Erromako landan: oihalak, estatuak, liburutegia, eta abar. Iruzurra bera zen, hezur eta mami. Ohean sartzen zen onik zegoela ez aitortzeko. Bada, gizon hark, jokoan iruzur ez egiteaz gainera, sariak ere ematen zizkien morroiei. Kanonigo baten adiskide egin ostean, astero-astero joaten zen harengana konfesatzera, inor asko ibiltzen ez zen kapera batera. Eta, isilpeko ekintza horietako bat bera ere onartzen ez zuen arren, bitan jasotzen zuen bedeinkazioa, belauniko jartzean eta altxatzean. Deabruak apenas sinesten zuen halako azpikeria. Baina ez zegoen dudaren izpirik; egiazkoa zen kontua. Ez zen une batean ere geratu. Harridurak ez zion eman astirik hausnartzeko, alderatzeko eta ondorioztatzeko, egungo ikuskizunak ba ote zuen antzekotasunik iraganarekin. Berriro ere zerura joan zen hegaz, haserrearen haserrez, horren fenomeno bereziaren isilpeko kausa jakiteko larri. Jaunak atsegin infinituz entzun zion. Ez zuen eten, ez zion demanda eman, eta ez zuen garaipenik ospatu hilzori sataniko haren aurrean. Begiak Deabruaren gainean pausatu, eta esan zion: —Zer nahi duzu zuk, deabru koitadu hori? Kotoizko soingainekoek belusezko parpailak dauzkate orain, lehen belusezkoek kotoizkoak zituzten bezalaxe. Zer nahi duzu, bada? Gizakiaren betiko kontraesana.
Eqbal Ahmed, nire ustetan, bizitza betetasun osoz ikusten zuen gizon bat zen. Abila zen, bizia, tontakeriatan denbora gutxi eman zalea, sukaldean aritu zalea, eta oportunisten kontrakoa, hau da, bizitza zatikatzearen kontrakoa. Behin, Indiaren eta Pakistanen banaketaren garaian Bihar-en iragan zuen haurtzaroari buruz idatzi nuen. Gau batean Amsterdamgo ostatu batean kontatu zidanaren papereko bertsioa zen. Irakurri zuenean, bere izena aldatzeko eskatu zidan. Eta halaxe egin nuen. Hain zuzen, istorio hark kontatzen zuen zerk eraman zuen iraultzaile izatera hamazazpi urte zituela. Orain, hila delarik, atzera itzultzen diot bere izena. Eqbal, Franz Fanon-en idazlanek akuilaturik (bereziki The Damned of the Earth [Lurreko kondenatuak]), bete-betean sartu zen zenbait askatasun-borrokatan, baita palestinarrenean ere. Gogoan dut Jenin-i buruz mintzatu zitzaidala. Bere bizitzaren azken aldera, pentsaera libreko unibertsitate bat sortu zuen, Pakistanen, eta Ibn Khaldun XV. mendeko filosofo handiaren izena ezarri zion, zeinak soziologiaren diziplina irudikatu baitzuen hura existitu aurretik ere. Eqbalek gazte-gaztetan ikasi zuen bizitzak banaketak dakartzala ezinbestean. Tragikotasunaren kategoria zaborra bezala baztertua izan aurretik, edonork aitortuko zuen hori. Eqbalek, nolanahi ere, ezagutzen eta onartzen zuen tragikotasuna. Eta, horrexegatik, energia miragarri pila bat xahutu zuen loturak eratzen (adiskidetasunezkoak, elkartasun politikozkoak, leialtasun militarrezkoak, poesia partekatuzkoak, abegikortasunezkoak), denak ere ezinbesteko banaketen ondotik bizirik irauteko aukera zuten loturak. Oraindik ere gogoan dut nolako otorduak prestatzen zituen. Ez nuen espero Ramallahn harekin topo egitea. Baina, harrigarria bada ere, han hartu eta zabaldu nuen lehen liburuak Eqbalen argazki bat zekarren hirugarren orrialdean. Ez, ez nenbilen haren bila. Hala eta guztiz ere, ondoan izan nuen hiria bisitatzea erabaki nuenean, eta, are, mezu bat utzi zidan, nire irudimenaren pantaila ttikian ikusi nuena, sms bat balitz bezala. Erreparatu harriei!, zioen. Ados, erantzun nuen, nire erara, harriak. Zuhaitz batzuek, bereziki masustondoek eta mizpirondoek, oraindik ere kontatzen dute ezen aspaldi-aspaldi, beste bizitza batean, Nakbahren aurretik, Ramallah aisiarako eta atsedenerako hiri bat izan zela dirudunentzat, handik hurbileko Jerusalemgo uda beroetatik alde egiteko bakartoki bat, oporleku bat. 1948ko katastrofeari deritzo Nakbah: hamar mila palestinar hil, eta beste zazpiehun mila behartu zituzten beren herrialdetik alde egitera. Aspaldi-aspaldi, bikote ezkonberriek arrosa-landareak landatzen zituzten Ramallahko lorategietan, etorkizunean elkarrekin eginen zuten bizitzaren seinale gisa. Hango lurzoru alubiala egokia zen arrosentzat. Orain, Ramallahren (Palestinako Agintaritzaren hiriburua gaur egun) erdigunean ez da horma bakar bat ere egonen hildakoen argazkiz estali gabe, denak ere bizirik zeudela atera eta orain afixa txiki gisa berrinprimatuak. 2000ko irailean hasi zen Bigarren Intifadako martiriak dira. Haien artean daude Israelgo armadak eta kolonoek hil zituztenak eta kontraeraso suizidetan beren burua sakrifikatzea erabaki zutenak. Aurpegiok paper eta irudi pribatuen zorro bat bezain gauza intimoa bilakatzen dituzte kaleko horma soilak. Eta zorro horrek badu tolesturatxo bat Israelgo segurtasun-zerbitzuek ematen duten nortasun-agiri magnetikoarentzat, ez baitago palestinarrik hura gabe kilometro gutxi batzuk ere egin dezakeenik, eta beste tolesturatxo bat eternitatearentzat. Afixen inguruan, hormak bala- eta metraila-markaz josita daude. Bada emakume adintsu bat zorro ugaritako amona izan litekeena. Badira mutiko nerabeak, badira aita asko. Haien heriotzari buruzko istorioak entzutean, pobrezia zer den datorkit burura. Pobreziak premiatzen ditu hauturik gogorrenak, ia deus ez dakarten horiek. Pobrezia ia horrekin bizitzea da. Hormetako aurpegietako mutil gehienak iheslari-esparruetan jaio ziren, txabola-auzoetan bezain pobre. Garaiz utzi zuten eskola, familiarentzako dirua irabazteko edo aitari bere lanean laguntzeko, baldin eta halakorik bazeukan. Gutxi batzuek futbol-jokalari izar bihurtzea zuten amets. Mordoxka batek habailak egin zituen zura taillatuz, sokak txirikordatuz eta larrua bihurrituz, Okupazio Armadari harriak jaurtitzeko. Liskarretan erabiltzen diren armei buruzko edozein konparaziok ere gogorarazten digu zer den pobrezia. Alde batean, Apache eta Cobra helikopteroak, F16ak, Abrams tankeak, Humvee jeepak, zaintza-sistema elektronikoak, negar-gasa; bestean, habailak, tirabikeak, telefono mugikorrak, kalashnikov hondatuak eta, oro har, etxean eginiko lehergailuak. Haien arteko alde izugarri handiak agerian uzten du horma bihozmindu horien artean sentitzen dudan zer bat, izendatzen ez dakidana. Israeldar soldadu bat banintz, armaz ongi hornituta banengo ere, azkenean zer horrek izutuko ninduke. Baliteke Murid Barghuti poetak igarririko hura izatea: «Bizirik dagoen jendea zahartu egiten da; martiriak, aldiz, gaztetu». Hiru istorio hormetatik. Husni an-Najjar, hamalau urtekoa. Aitari laguntzen aritzen zen, zeina soldatzailea baitzen. Harriak jaurtitzen ari zela hil zen, tirokatuta; bala bat sartu zioten buruan. Argazkian, distantzia ertaineranzko begirada narea eta tinkoa dauka. Abdelhamid Kharti, hogeita hamalau urtekoa. Margolaria eta idazlea. Gaztetan, erizaintza-ikasketak egin zituen. Boluntario jardun zuen larrialdi-unitate mediko batean, zaurituak erreskatatzen eta zaintzen. Kontrolgune batetik hurbil aurkitu zuten haren hilotza, liskarrik gabeko gau baten biharamunean. Hatzak moztuta zeuzkan. Hatz lodietako bat zintzilik zeukan oraindik. Hautsiak zituen beso bat, esku bat eta matraila. Hogei bala zeuzkan gorputzean. Muhammad ad-Durra, hamabi urtekoa, Bureijeko esparruan bizi zen. Aitarekin etxera bueltan zihoala, Gazako Netzarimgo kontrolgunea zeharkatu, eta autotik irteteko agindu zieten. Soldaduak tiroka hasiak ziren ordurako. Berehala, zementuzko horma baten atzean babestu ziren. Aita keinuka hasi zen, han zeudela ohartarazteko, eta tiro egin zioten esku batean. Handik pixka batera, Muhammadi oinean egin zioten tiro. Aitak, orduan, bere gorputzaz babestu zuen semea. Bala-tiro gehiago jaso zituzten biek, eta mutikoa hil egin zuten. Medikuek zortzi bala atera zizkioten aitari gorputzetik; zaurien ondorioz, baina, paralisiak jota geratu zen, lan egiteko ezgai, eta harrezkero langabezian dago. Gertaera hura grabatuta geratu zenez, haien istorioa behin eta berriz kontatzen da mundu guztian barrena. Marrazki bat egin nahi dut Abdelhamid Khartirentzat. Goizean goiz, Ain Qiniya herrira joan gara; harago bada beduinoen kanpamentu bat, uadi baten ondoan. Eguzkiak oraindik ez du berotzen. Ahuntzak eta ardiak bazkatzen ari dira, gutxi gorabehera, kanpadenden artean. Ekialdera begirako muinoak marraztera deliberatu naiz. Harri baten gainean eseri naiz, kanpadenda txiki beltzaxka baten ondoan. Koaderno bat eta boligrafo hau besterik ez daukat. Lurrean botata bada plastikozko ontzi bat, eta bururatu zait ur pitin bat hartuko dudala iturriko ur-zirristatik, behar izanez gero tintarekin nahasteko. Tarte batez marrazten aritu ondoren, gizon gazte bat hurbildu zait (kanpamentu osoa ohartu baita han nagoela, jakina); nire atzean dagoen kanpadenda ireki, sartu, eta berriz atera da, plastikozko aulkitto zuri kalamastra bat hartuta, esanez harria baino erosoagoa izanen zaidala. Pentsatu dut hura aurkitu aurretik kalean botata egonen zela, gozotegi edo izozki-dendaren baten ondoan. Eskerrak eman dizkiot. Halaxe, banku honetan eserita, beduinoen kanpamentuan, eguzkia gero eta beroago eta igelak erreka-ohe ia idorrean korroka ari direla, marrazten segitu dut. Muino baten gainean, kilometro gutxi batzuk ezkerrerantz, bada israeldarren kokagune bat. Itxura militarra du, maniobra azkarretarako armamentu baten atal baten gisakoa. Nolanahi ere, txikia da, eta urruti dago. Handik hurbil, aurrean daukadan kareharri-muinoak animalia erraldoi lokartu baten buruaren forma dauka; gainaldean sakabanaturiko harriek arantzak dirudite haren ile-mataza nahasian. Bat-batean, pigmentu-eskasiarengatik atsekabeturik, ura isuri dut ontzitik nire oinen inguruko hautsera; hatza lohian sartu, eta kolore-igurtzi bat eman diot animalia-buruaren marrazkiari. Eguzki beroa dago orain. Mando batek arrantza egin du. Koadernoko orriak pasatu ditut, beste bat hasteko asmoz, eta beste bat. Itxura batean, deus ez dago bukatua. Azkenean, gizon gaztea itzuli da: nire marrazkiak ikusi nahi ditu. Koaderno irekia altxatu dut. Irribarre egin du. Orrialde bat pasatu dut. Zerbait seinalatu du. Gurea, esan du, gure hautsa! Nire hatza ari da seinalatzen, ez marrazkia. Gero, muinora begira geratu gara biok. Ez nago konkistatuen artean, baizik eta garaituen artean. Eta garaileak garaituen beldur dira. Garaileen denbora laburra da beti; garaituena, aldiz, arras luzea. Haien espazioa ere desberdina da. Lurralde mugatu honetan, dena da espazio-kontua, eta garaileek badakite hori. Haien menderakuntza espaziala da batik bat. Horixe baliatzen dute, ilegalki eta nazioarteko legediari desafio eginez, kontrolguneen bitartez, errepide zaharrak suntsituz, Israelgo kolonoentzako ingurabide esklusibo berriak eginez, mendi-gainetan kokagune gotorrak eraikiz –zeinak inguruko goi-ordokia zaintzeko eta kontrolatzeko guneak baitira egiaz–, etxeratze-aginduen bitartez –jendea etxean gera dadin gau eta egun, agindua altxatu arte–. Joan den urtean Ramallah inbaditu zutenean, sei aste iraun zuen etxeratze-aginduak, eta, zenbait egunetan, bi ordurako «altxatzen» zuten agindua, erosketak egiteko. Beren oheetan hil zirenak ehorzteko ere ez zegoen denborarik. Eyal Weizman israeldar arkitekto disidenteak liburu ausart batean azaltzen du lurraldearen gaineko nagusitasun osoa auzo-planifikatzaile eta arkitektoen zirriborroekin hasten dela. Indarkeria tankeak eta jeepak iritsi baino askoz lehenago hasten da. Weizmanek «bertikaltasunaren politika» deritzo: haren bitartez, garaituak literalki ikuskatuak eta azpiratuak dira, are «etxean» daudenean ere. Horrek sekula baretzen ez den eragina dauka egunerokoan. Norbaitek goiz batean bere buruari esaten badio «Banoa ikustera ea…», behingoan geratu, eta ongi begiratu beharko du zenbat hesi zeharkatu behar dituen bere «irteera» horretan. Eguneroko erabakirik arruntenekin loturiko espazioa mugatuta dago, hanka-besoak lotuta. Horretaz gainera, egun batetik bestera hesiak ezustean tokiz aldatzen dituztenez, denboraren esperientzia ere hertsatuta dago. Inork ez daki zenbat denbora beharko duen gaur goizean lantokira iristeko, amarengana joan eta hura ikusteko, eskolara joateko, medikuarengana joateko, ezta zenbat denbora beharko duen ere ondoren etxera itzultzeko. Joan-etorri hori egiteko, bai alde batera, bai bestera, hogeita hamar minutu edo lau ordu beharko ditu, ez dago jakiterik, edo gerta liteke orobat fusil kargatuz armaturiko soldaduek bidea moztea. Israelgo Gobernuak argudiatzen du behartuta daudela halako neurriak hartzera, terrorismoari aurre egiteko. Baina argudiaketa hori trikimailu hutsa da. Menderakuntzaren benetako helburua populazio indigenaren denbora- eta espazio-jarraitutasunaren zentzua suntsitzea da, handik alde egin edo soldatapeko langile bihur daitezen. Eta, egoera horretan, hilik daudenek irauten laguntzen diete bizirik daudenei. Egoera horretan, martiri bihurtzea erabakitzen dute zenbait gizon eta emakumek. Menderakuntzak, hain zuzen, borrokatu nahi duen terrorismo hori bera hauspotzen du. Harri-bide txiki bat, arrokak saihestuz, beherantz, Ramallahren hegoaldeko haran baterantz. Batzuetan, sigi-saga egiten du zuhaitz zaharreko olibadi artean; haietariko asko erromatarren garaikoak izanen dira, beharbada. Bide harritsu hau (oso gogorra edozein autotan joanda ere) ondoko herrira iristeko modu bakarra da palestinarrentzat. Behinolako asfaltozko errepidea erabiltzea debekatua dute gaur egun, kokaguneetako israeldarrek erabiltzen baitute esklusiboki. Bizi-bizi noa oinez, betidanik baitzait nekagarriagoa mantso ibiltzea. Sastraka artean lore gorri bat hauteman dudalarik, hura hartzeko gelditu naiz. Geroxeago ikasi dut Adonis Aestivalis duela izena. Gorritasun bizikoa da, eta, botanikako liburuak dioenez, iraupen laburrekoa. Bahak garrasika ohartarazi dit ez joateko ezkerrera daukadan muino garairantz. Norbait hurbiltzen sumatuz gero, dio garrasika, tiro egiten dute. Distantzia kalkulatzen saiatu naiz: kilometro bat baino gutxiago. Norabide desegokian berrehun metro harago, mando bat eta zaldi bat begiztatu ditut. Lotuta daude. Biok segurtasun-bermetzat harturik, banoa harantz. Iritsi naizenean, bi mutil –hamaika eta zortzi urtekoak, gutxi gorabehera– lursail batean lanean ari dira, bakarrik. Gazteena ureztaontziak betetzen ari da lur azpian sartua duten upel batetik. Kontu handiz ari da, tanta bakar bat ere galdu gabe: ura oso preziatua den seinale. Zaharrenak, ureztaontzi betea hartu, eta, axola handiz, lursail goldatu baterantz jaitsi da, landareak ureztatzera. Biak ala biak oinutsik daude. Landareak ureztatzen ari denak keinu bat egin dit, eta harro-harro erakutsi dizkit ehunka landareren ilarak. Batzuk ezagunak zaizkit: tomateak, alberjiniak, luzokerrak. Joan den astean landatuak behar dute izan. Txikiak dira oraindik; ura behar dute. Bada bat zer den ez dakidana, eta bera ere ohartu da. Argi handia, esan du. Meloia? Shumaam! Barre egin dugu. Nigan iltzatu ditu bere begi irriberak, tinko. (Husni an-Najjar etorri zait gogora.) Biok, Jainkoak daki zergatik, une bera bizitzen ari gara. Landare-ilaretan behera eraman nau, zenbat ureztatu dituen erakusteko. Une batean, geratu egin gara; ingurura begiratu, eta kokagunea ikustatu dugu, haren defentsa-hormak eta teilatu gorriak. Kokotsarekin harantz seinalatzen duelarik, halako iseka bat dario haren keinuari, eta nirekin partekatu nahi du iseka hori, landareak ureztatzeak ematen dion harrotasuna partekatu duen era berean. Eta iseka horrek irribarre konplize bat ekarri du gero, biok une eta toki berean pixa egiteko ados jarri izan bagina bezala. Geroxeago, bide harritsura itzuli gara. Menda-belar ttiki batzuk hartu, eta sorta bat eman dit eskura. Haren freskotasun sarkorra ur hotzeko bafada baten gisakoa da, ureztaontziko ura baino hotzagoa betiere. Zaldia eta mandoa dauden aldera goaz. Zaldi zaltutsak kabestru uhaldun bat darama; ez, ordea, bridarik eta aho-burdinarik. Irudizko pixa-parrastada bat baino zerbait harrigarriagoa erakutsi nahi dit. Zaldi gainera jauzi egin du, anaiak mandoa lasaitzen duen bitartean, eta berehala abiatu da, lauhazkan, zelarik gabe, etorri naizen bidetik behera. Sei hanka ditu zaldiak, haietarik lau bere-bereak eta beste biak zaldunarenak, eta mutilaren eskuek kontrolpean dauzkate seiak. Hainbat bizialditako esperientzia balu bezala zamalkatzen da. Itzuli denean, irribarretsu dago, eta, lehenbiziko aldiz, lotsatu-antza. Baha eta besteengana itzuli naiz, handik kilometro batera. Gizon batekin solasean ari dira, mutilaren osabarekin. Bera ere landare aldatu berriak ureztatzen ari da. Eguzkia beherantz doa, eta argia aldatzen ari da. Lur hori-marroixka, zeina ilunagoa baita ureztaturiko zatietan, paisaia osoko kolore nagusia da orain. Gizona bostehun litroko plastikozko upel urdin iluneko uraren azken hondarrak ari da erabiltzen. Upel urdinak hamaika adabaki josiak ditu gainaldean, kontu handiz josiak denak ere, gurpil zulatuak konpontzeko erabiltzen direnen antzekoak, baina handiagoak. Gizonak azaldu dit halaxe konpondu zuela upela, Halamisheko kokaguneko –teilatu gorrien kokaguneko– banda batek labanaz zulatu baitzizkien urontziak gau batez, udaberriko euriz beteak zirela jakinik. Beste upela, beheko terrazan botata dagoena, ezin izan zuen konpondu. Terraza berean urrutiago, olibondo baten motzondo bihurritua ageri da, eta, haren zirkunferentzia ikusita, ehunka eta, apika, milaka urte behar ditu izan. Duela zenbait gau, esan du osabak, motozerra batekin ebaki zuten. Hona Murid Barghutiren beste aipu bat: «Palestinarrentzat, oliba-olioa bidaiariaren oparia da, andregaiaren konforta, udazkeneko saria, biltegien harrotasuna eta familientzako aberastasuna mendeetan zehar». Geroago, Zakaria Mohammeden «The Bit» [Aho-burdina] poema aurkitu dut, zeinean zaldi beltz bat aipatzen baitu, bridarik gabea, odola ezpainetatik tantaka dariona. Zaldiarekin batera bada mutil bat ere, zur eta lur, odolarengatik. Zer ari da mamurtzen zaldi beltza?, galdetu du. Zer mamurtzen du? Zaldi beltza hozkaka ari zaio altzairuzko aho-burdina bati memoria puska bati murtxika eta murtxika hil arteraino. Menda-belar ttikia eman didan mutila zazpi urte zaharragoa balitz, ez litzateke zaila imajinatzea zergatik sartu zen Hamasen, bere bizitza sakrifikatzeko prest. Arafaten egoitza birrinduaren hormigoizko blokeen eta harrizko horma erorien pisuak garrantzi sinbolikoa hartu du Ramallahren erdigunean. Ez, hala eta guztiz ere, israeldar komandanteek espero zuten eran. Arafat eta haren taldea barnean zirela Mukata suntsitzea haren umiliazioa publikoki erakusteko modu bat izan zen, eta, era berean, okerrena etortzekoa zela iragartzeko abisu pribatu bat izan zen armadak sistematikoki arpilatu eta miaturiko apartamentu pribatuetan arropa, altzariak eta hormak ketchupez zikintzea. Arafatek, nolanahi ere, munduko beste edozein buruzagik bere herria ordezkatzen duen baino hobeki ordezkatzen ditu palestinarrak. Ez demokratikoki, baizik eta tragikoki. Eta horregatik du garrantzia. paek –Arafat buru dela– eta inguruko arabiar estatuek eginiko akats ugarien ondorioz, ez dauka tarte handirik maniobra politikorako. Lider politiko bat izateari utzi dio. Baina segitzen du dagoen tokitik desafio egiten. Inork ez du berarengan sinesten. Eta askok bizia emanen lukete haren alde. Nola liteke? Politikari bat baino gehiago, harri txikiz osaturiko mendi bat bilakatu da, baina aberriaren mendi bat betiere. Ez dut sekula lehenago ikusi halako argirik. Zerutik behera etortzen da, erregulartasun estrainio batez, urrutikoa eta hurbilekoa ez bereizteko moduan. Urruntasunaren eta gertutasunaren arteko desberdintasuna eskala-kontua da, sekula ez kolorearen, testuraren edo zehaztasunaren araberakoa. Eta horrek eragina dauka zeure burua kokatzeko eran, eragina dauka hemen egoteari ematen diozun zentzuan. Lurra zure inguruan egokitzen da, zuri aurre egin beharrean. Arizonaren kontrakoa da. Hurbiltzeko keinu egin beharrean, inoiz ez alde egitea gomendatzen dizu. Eta halaxe nago hemen, Poloniako, Galiziako eta Austria-Hungariako inperioko nire arbasoetako batzuek gutxienez bi mendean zehar elikatu eta aipaturiko amets bateko irudi bat banintz bezala. Eta, hemen, zalantzarik gabe bat egiten dut Israelgo estatuak (eta neure lehengusu-lehengusinek) totalitarismo tragiko batez samintzen dituen horien bidezko kausarekin eta minarekin. Riad, zurgintzako irakaslea bera, bere marrazkien bila joan da, niri erakusteko. Haren aitaren etxeko lorategian eseri gara. Aita aurreko lursaila goldatzen ari da, bere zaldi zuriarekin. Marrazkiak aldean hartuta itzuli da Riad, metalezko artxibategi zahar batetik atera balitu bezala. Mantso ibiltzen da, eta oiloak are mantsoago baztertzen dira haren bidetik. Aurrean eseri zaidalarik, banan-banan eman dizkit bere marrazkiak. Mina gogorreko arkatzez eginak dira, buruz eta egonarri handiz. Trazuz trazu, lanak amaitu ondoko iluntzeetan, arkatzaren gris zilarkara berak nahi bezain beltz bilakatu arte. Orri handietan eginak dira. Ur-pitxer baten marrazkia. Amaren marrazkia. Etxe suntsitu baten marrazkia, dagoeneko desagertuak diren geletara ematen duten leihoena. Azkenean marrazkiak lurrean utzi ditudanean, gizon zaharrago bat etorri zait, nekazari baten aurpegi zailduaz. Badirudi badakizula zerbait oilaskoez, esan du. Oiloak, gaixotzen delarik, arrautzak erruteari uzten dio. Ez dago zereginik. Egun batean, iratzarri, eta sentitzen du Herio hurbil daukala. Egun batean, ohartzen da hilko dela, eta zer gertatzen da? Berriz erruten hasten da, eta heriotzak ez beste deusek ezin du gerarazi. Gu oiloak bezalakoak gara. Kontrolguneek barne-mugak inposatzen dituzte lurralde Okupatuetan; ez dute, ordea, ohiko muga-postuen antzik. Haietatik igarotzen den oro iheslari ukatuen mailara beheratzeko moduan eraiki eta erabiltzen dira. Saihetsezina da ez ohartzea zer-nolako garrantzia duen Begiramenak menderakuntzarako, etengabe erabiltzen baita oroitarazteko nor diren garaileak eta nork onartu behar luketen konkistatuak direla. Palestinarrek beren aberrian iheslarien rola jokatzearen umiliazioa nozitu behar dute, are egunean behin baino gehiagotan. Kontrolgunea gurutzatzen dutenek oinez segitu behar dute aurrera, eta soldaduek, beren arma kargatuak beti prest, nor miatu nahi duten aukeratzen dute. Ezein ibilgailuk ezin du kontrolgunea gurutzatu. Betiko errepidea suntsitu egin zuten. Derrigorrezko ibilbide berria arrokaz, harriz eta bestelako behaztopa txikiz beteta dago. Hori dela eta, den-denek, baita sasoian daudenek ere, kostarik lortzen dute hura gurutzatzea. Gizon gazte batzuek, diru-sari txiki baten truke, zurezko kutxatan garraiatzen dituzte gaixoak eta adinekoak, lau gurpilen gainean (merkatuan barazkiak garraiatzeko erabiltzen diren kutxa horietakoak dira). Bidaiari bakoitzari kuxin bat ematen diote, kolpeak leuntzeko. Haien istorioak entzuten dituzte. Beti jakiten dituzte azken albisteak. (Mugak egunero aldatzen dira.) Aholkuak ematen dituzte, atsekabetzen dira, eta ematen duten laguntzatxoaz harrotzen. Akaso, tragediaren Korua izatetik hurbilen daudenak dira. Bidaiari batzuk makila baten laguntzaz ibiltzen dira, beste batzuk baita makuluekin ere. Normalki autoko maletategian eramaten diren gauzak fardeletan bildu, eta eskuan edo bizkarrean hartu behar dituzte. Kontrolgunerainoko distantzia goizetik gauera alda daiteke, 300 metrotik 1,5 kilometrora. Palestinar bikoteek, salbu gazte sofistikatuenetako batzuek, normalki, elkarrengandik zertxobait aldenduta ibiltzeko lotsa agertzen dute jendaurrean. Adin guztietako bikoteek eskutik helduta iragaten dituzte kontrolguneak, oinkada seguruak bilatuz eta zehatz-mehatz kalkulatuz zein den erritmorik egokiena berei begira dituzten armen ondotik pasatzeko, ez azkarregi –presaka joatea susmagarria izan daiteke–, ez mantsoegi –zalantzati agertzea jolas bihur daiteke guardien asperdura kronikoa arintzeko–. Israeldar soldadu askoren (ez guztien) mendeku-gosea berezia da. Ez du zerikusirik Euripidesek deskribatu eta deitoraturiko krudelkeriarekin, hemen borroka ez baita berdinen artekoa, baizik eta botere-ahalguztidunen eta itxuraz boteregabeak direnen artekoa. Ahalguztidunen boterea, baina, amorruzko frustrazio batez lagunduta dator, ohartuak baitira armak izanda ere beren boterea mugatua dela modu ulertezin batean. Euro batzuk aldatu nahi ditut sikloen truke (palestinarrek ez dute diru propiorik). Kale Nagusian behera noalarik, zenbait denda txikiren ondotik iragan, eta, noizbehinka, gizon bat ikusten dut aulki batean eserita, behinola tankeen inbasioaren aurretik espaloi izandako horren gainean. Billete-sortak dauzkate eskuetan. Gazte batengana hurbildu, eta esan diot 100 euro aldatu nahi ditudala. (Diru horrekin, haur batentzako eskumuturreko bat eros liteke bitxi-denda batean.) Poltsikoko jostailuzko kalkulagailu batean kalkulua egin, eta ehunka zenbait siklo eman dizkit. Aurrera segitu dut. Mutiko batek –haren adinari erreparatuta, imajinaturiko urrezko eskumuturraren jabea litzatekeen neskatoaren anaia izan liteke– txiklea saldu nahi dit. Ramallahko bi iheslari-esparruetako batean bizi da. Erosi diot. Diru-zorroan txartel magnetikoak eramateko plastikozko zorrotxoak ere saltzen ditu. Kopeta zimurtuz, txikle guztia erosteko eskatu dit. Horixe egin dut. Handik ordu erdi batera, barazki-azokara iritsi naiz. Gizon batek bonbilla baten tamainako baratxuri-buruak saltzen ditu. Jende asko dago, elkarrengandik oso hurbil. Norbaitek txapaka egin dit sorbalda batean. Atzera begiratu dut. Diru-trukatzailea da. Tori, esan dit, behar baino berrogeita hamar siklo gutxiago eman dizut. Hamarreko bost billete hartu dizkiot. Erraz aurkitu zaitut, gehitu du. Eskerrak eman dizkiot. Haren begien espresioak atzo ikusi nuen emakume adintsu bat ekarri dit gogora. Momentuari oso adi dagoen begirada bat da. Lasaia eta zuhurra, azken momentua balitz bezala. Diru-trukatzaileak, orduan, jiratu, eta bere aulkiranzko itzulera luzeari ekin dio. Emakume adintsua Kobar herrian ezagutu nuen. Haren etxea hormigoizkoa zen, bukatu gabea eta soil-soila. Egongela biluziko hormak haren iloba Marwan Barghutiren argazki markodunez beteta zeuden. Marwan mutikotan, nerabetan, berrogei urterekin. Orain, Israelgo kartzela batean dago. Bizirik irteten bada, Fatahko buruzagi politiko bakarretakoa izanen da nahitaez solaskide gisa hartu beharrekoa bake-akordio sendo bat lortzeko. Limoi-ura edaten ari ginela eta Izeba kafea prestatzen ari zela, haren bilobak lorategira atera ziren: zazpi eta bederatzi urte inguruko bi mutiko. Gazteenak Aberri du izena; zaharrenak, Borroka. Hara-hona lasterka hasi, eta, bat-batean, gelditu egiten ziren, erne-erne elkarri begira, zerbaiten atzean ezkutatuta egon eta burua aterako balute bezala, besteak ikusi ote zituen jakin nahian. Ondoren, berriz abiatzen ziren beste ezkutaleku ikusezin batera. Maiz jolasten ziren berek asmaturiko jolas hartan. Hirugarren haurrak lau urte zituen. Orban zuri-gorriak zeuzkan aurpegian, pailazo bat iduri, eta bazter batean geratua zen, pailazo baten gisara, malenkoniatsu, trufari, zalantzati, jolasa noiz bukatuko zen ez zekiela. Astanafarreriak jota zegoen, eta bazekien ezin zela bisitariengana hurbildu. Izebak, agur esatera etorri zitzaidanean, eskutik heldu zidan, eta espresio berezi hura zegoen haren begietan, momentuari adi egotearena. Demagun bi lagun mahai-zapi bat zabaltzen ari direla mahai baten gainean eta elkarri begiratzen diotela zapia ongi jarrita dagoen ala ez ikusteko. Imajinatu mahaia mundua dela eta zapia, berriz, salbatu behar ditugunen bizitzak. Horixe zen espresioa. Letoizko katilu txiki bat Beldurraren Ontzia deritzona. Filigrana geometrikoen irudiak eta Koranaren bertso batzuk lore-forman irarriak dituena. Bete urez, eta utzi kanpoan gau batez, izarren pean. Gero, edan ur hori, eta, bien bitartean, egin otoitz, oinazea arindu eta senda zaitezen. Gaitz askotarako, argi dago, Beldurraren Ontziak eraginkortasun txikiagoa dauka antibiotikoek baino. Baina izarren denbora islatua duen katilu-urak, izaki bizidun ororen lehengai den ur horrek, Koranean esaten den bezala, menderakuntzari buru egiten lagunduko dizu agian… Ramallahtik alde egin nuenetik bi astera, Finisterren nago, Frantziako ipar-mendebaldean, itsasoari begira. Klimaren eta landaretzaren kontrastea ez zitekeen handiagoa izan. Amankomunean duten gauza bakarra laharren ugaritasuna da: toot il alliq. Finisterreko kostaldea berdea da, iraztorrez betea, harik eta haitzetan amiltzen den arte. Eta ezin konta ahal uharte txikitan apurtzen da ozeanoaren danbatekoaren ondorioz, ozeano bat ordu erdiz behin kolorea aldatzen zaiona. Europako mendebaldeko kostaldeari, Cornwalletik Galiziaraino, Lurraren Amaiera esaten zaio. Hemen, lurra iraztorretan eta harkaitz-itxurako uhartetxoetan amaitzen da. Munduko monumenturik zaharrena ikustera etorri naiz, lehen piramideak baino mila urte lehenago eraikia. Hilobi-monumentu bat da. Harri-meta bati begira nago, Eqbal. Gidaliburuek diote cairn bat dela. Nolanahi ere, harri-meta bat baino gehiago da: eskultura oso-oso artikulatu bat. Berrogei zentimetroko puska bakoitza, nolabait esateko, eskuz idatzia izan da. Hirurogeita hamar metrotik gora luze da, hogeita bost metro inguru zabal eta zortzi-hamar metro altu, eta harri bakoitza apropos elkartzen da hurrengoarekin norabide bakoitzean, harriak eskuz idatzitako hitzak balira legez. Imajinatu itsasontzi baten bizkarra. Ipar-ekialderantz doa; Morlaixeko badiatik irten, eta mendebalderantz eginen du, Amerikarantz. Branka homerikoko itsasontzi hori (hemengo elezaharrek diote Odiseo kostalde honetatik iragan zela Corkera bidean) harriz eginda dago, modu natural batean lurrarekin bat eginda! Karbono-datazioen arabera, gutxienez duela sei mila urte eraiki zuten, bi alditan. Lehenbizi, txopa egin zuten, diabasa-harri metamorfiko berdekaraz. Harri hori, zeinak lur azidoa eratzen baitu iraztorren azpian, ugaria da kostalde guztian. Gero, mende bat edo bi geroago, branka gehitu zioten, gehiena Sterec uhartetxoko olo-koloreko granitoz egina. Hirugarren eraikuntza bat ere izan zen, heriotzaren bigarren itsasontzia zatekeena, baina guztiz suntsitu zuten 1950eko urteetan; izan ere, eremu osoa landaretzaz eta lurrez estalia zelarik, harrobi gisa ustiatzen hasi ziren, eta legarra egiteko erabili zituzten hango harriak. Arkeologoek ondorioztatu dute itsasontziaren atal bakoitza hilabete gutxian eraiki zutela bi aldiotan. Eta horrek, lanaren tamaina ikusita, pentsarazten digu ehunka kolonok osaturiko komunitate oso batek jardun zuela zeregin hartan. Harri gehienek gizaki indartsu batek bi besoekin garraia lezakeenaren neurria eta pisua dute. Badira txikiagoak ere, ukabil bat bezain txikiak, harririk handienen arteko juntura perfektuetan geraturiko hutsune setatiak betetzen dituztenak. Itsasontziaren bizkarrak leunak dira, ez harriztatuak. Eta badira megalito gutxi batzuk ere, pertsona bat baino altuagoak, zenbaitetan korridoreetako sarreren gainean ateburu gisa jarriak edo, ganga-formako ganberen sabai gisa erabiliak. Behereneko bizkarrean, harri lehorreko hogeita bi pasabide daude, ababorretik eta istriborretik ganga-formako hamaika kamarotetara doazenak. Han paratzen ziren hilotzak. Pasabide horietako batean barrena abiatu naiz, zeina erdigune baterantz doan esaldi gisako bat baita, eta, hemen, santutegi erdisuntsitu honetan, mentsula-harriei begira nagokie. Kostalde honetako hondartzetako beste milioika harri bezalakoak dira; hemen, ordea, harriak mintzo dira, elokuenteak dira, beren antolaerari zor. Kaosak bere arrazoiak izanen ditu beharbada, baina kaosa mutua da. Gizakiak antolatzeko eta kokatzeko duen gaitasunetik eratorri dira hizkuntza eta komunikazioa. Kokatze aditza eta izena izan liteke aldi berean. Antolatzeko gaitasuna eta leku bat identifikatu eta izendatzeko gaitasuna. Biak ala biak, beren jatorrian, ezin bereizi dira gizakiak bere hildakoak errespetatzeko eta defendatzeko duen premiatik. Ez al da hala? Konparazio bitxi bat bururatu zait. Jendea hainbat hilabetean elkarrekin lan eginez harrizko itsasontzi hau eraikitzera bultzatu zuen zer hori aski hurbil dago, beharbada, Palestinako gazteak armada okupatzailearen tankeen aurka harriak botatzera bultzatzen dituen horretatik.
AURKIBIDEA Laburpena 1. Sture Bergwall-en haurtzaroa eta gaztaroa 2. Thomas Quick-en aitorpenak eta zigorrak 3. Sture Bergwall-ek bere gain hartu zituen beste hilketa batzuk 4. Zerk eraman zuen Sture Bergwall aitorpen horiek egitera? 5. Margit Norell, Christianson eta Quick taldea 6. Memoria erreprimituaren teoria 7. Sture Bergwall-ek bere nortasuna berreskuratzen du 8. Hilketak berraztertzen 9. Lekukoen testigantzaren fidagarritasuna 10. Talde-pentsamendua 11. Ondorioak Liburuaren egileak Liburuaren gaia Erreferentzia bibliografikoak Laburpena Sture Bergwall Suedian (Korsnäs, Falun) jaio zen 1950 urtean. Nerabezaroan joera homosexualak agertu zituen eta 19 urte zituela abusu sexualen kasu batean inplikaturik egon zen. 41 urte zituela, drogekiko zuen mendekotasunak eramanda, banku batetik dirua osteko helburuz bahiketa bat egin zuen eta, ondorioz, espetxe psikiatriko batera kondenatu zuten. Espetxe psikiatrikoan zegoela, bere izen-deiturak utzi eta Thomas Quick izen-deiturak hartu zituen. Ebatzi gabe zeuden 30 hilketa baino gehiago bere bizkar hartu zituen eta hilketa horietako zortziren egile izatea egotzita kondenatu zuten. Kasu horietako bakar batean ere ez zen agertu Quicken egiletasunaren ebidentzia enpirikorik edo testigantzarik. Talde terapeutikoarekin, adituekin, poliziekin, abokatuekin, fiskalarekin eta epailariekin lankidetza estuan jardun zen Thomas Quick eta trukean sendagaien dosi oparoak jaso zituen. Sendagai horiek droga moduan funtzionatu zuten eta horiei esker oroimenera ekarri zituen ordura arte erreprimituak zituen esperientzia traumatikoak. Ospitaleko sendagileak Thomas Quick-en droga-iturria mugatu zuenean, talde terapeutikoarekin lankidetzan jarduteari utzi zion hark eta ukatu egin zuen auzitegietan bizkarreratu zizkioten hilketak egin izana, Råstam kazetariaren laguntzari esker. Lan honetan honako alderdi hauek aztertuko ditugu: Säter-ko ospitale psikiatrikoan sortu zen mikroklima; Sture Bergwall-ek hilketa horiek bere bizkar hartzeko zuen motibazioa (arreta bilatzea); Sture Bergwall kondenatzeko poliziek, terapeutek, abokatuek eta epailariek izan zituzten arrazoiak (talde pentsamendua), auto-egozpenaz at beste frogarik gabe. 1. Sture Bergwall-en haurtzaroa eta gaztaroa Sture Bergwall Suedian (Korsnäs, Falun) jaio zen 1950ean. Sei anai-arreba ziren familian, arreba biki bat barne. Aita langilea zuen; Pentekoste Elizako kidea; izaera inhibitukoa eta depresibo samarra. Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten hastean, tuberkulosiaz gaixotu zen Sture eta ospitalera eraman zuten; ospitaleko bakardadean egon behar izan zuen, guraso eta senideengandik aldendua, eta ikasturte gehiena galdu zuen. Ospitaletik itzultzean, gizendua eta luzatua zegoen eta nahiko iseka jaso zuen lagunengandik. Bakarti xamar pasatu zituen eskolako urteak (Josefsson, 2015). Sture nerabezaroan konturatu zen homosexuala zela. Garai hartan desbideratze mentaltzat hartzen zen Suedian homosexualitatea eta pertsona homosexualak ezin zuen harremanik eduki beste homosexualekin. Bigarren mailako eskolan hasi zen drogak kontsumitzen: trikloroetilenoa kontsumitzen zuen batez ere. Droga horri esker, eldarnioak izaten zituen eta bere mundutik ihes egiten zuen, baina familiari erabat ezkutatzen zizkion droga-zaletasuna eta homosexualitatea. Ikasleen Kontseiluko presidente eta eskolako aldizkariaren editore izatera heldu zen. Hamasei urte zituela eskolako doktoreak Stureren azterketa psikiatriko bat eskatu zuen eta hainbat arazo diagnostikatu zizkioten: egokitzapen arazoak, bulkaden kontrol eskasa, joera erasokorrak, hitz egiteko intentsitate dramatikoa, irudimen sutsua, auto-promoziorako joera, lagunekin eta familiarekin harreman gatazkatsuak eta joera femeninoa (Josefsson, 2015). 1956an Falun-go kanpoaldera joan zen bizitzera Bergwall-tarren familia. Goi mailako ikasketak egin ezin zituenez, banku bateko atezain moduan hasi zen lanean 17 urterekin. Mutikoek erakartzen zuten eta terapiak ez zuen funtzionatzen. Beroaldi batean, erlijio sentimenduak eramanda, barnetegi batean sartu zen, teologia ikasteko asmoz, baina han droga eta alkohol gehiago kontsumitzen zuen eta osasun mentaleko Ulleraker ospitalean eduki zuten, psikosiaren kontrako tratamenduarekin. Barnetegitik bota egin zuten portaera sexual desbideratua zuelako eta ikasketetan maila eskasa ematen zuelako. Ondoren, Falungo ospitalean gauetan lan egiten hasi zen, erizain laguntzaile moduan. Han lagun homosexual bat egin zuen, baina bere buruaz beste egin zuen hark eta oso une tristeak bizi izan zituen Sturek. Handik laster, anfetaminak kontsumitzen hasi zen, hamaika urteko haur batez abusatzen saiatu zen, bederatzi urteko haur bati abusu sexualak egin zizkion ospitalean eta Södertälje-ko erakunde psikiatriko forentse batean sartu zuten. Garai horretan Brundin doktoreak esan zuen perbertsio sexual larria (paedofilia cum sadismus) zuela Bergwall-ek eta hiltzaile arriskutsua zela. Holmstedt psikiatrak pentsatzen zuen Sturek anormaltasun mental larria zuela eta psikoanalisiak ez zuela aldatuko haren portaera sexuala (Josefsson, 2015). 1970eko maiatzean, eraso sexualak egin zizkien lau mutikoei eta Sundsvall-eko Sidsjön izeneko osasun mentaleko ospitalean sartu zuten. Han urtebete egin ondoren, 1971ko udazkenean, Jokkmokk-eko Sami College ikastetxean ikasten hasi zen. Han alkohola, anfetaminak, trikloroetilenoa eta erlaxatzaileak kontsumitzen zituen. Eldarnioak eta suizidio pentsamenduak agertzen zituen eta Sidsjön ospitalera eraman zuten berriro ere. 1973an Sidjön-etik Säter-eko unitate segurura eraman zuten. Säter-en atxikimendu handia sortzen zuten lasaitzaileak ematen zizkioten: benzodiazepinak. Säter-en zegoela, sendagileei esan zien drogak utziko zituela eta unibertsitaterako helduentzako sarbide ikastaroa egin nahi zuela Uppsalan. 1973ko abuztuan anaiarekin batera ikasleen egoitza batean egon zen eta talde politiko erradikal bateko kide izan zen. Postari moduan lan eginez diru pixka bat lortzen zuen, baina ikasken ez zen saiatu. 1974ko martxoan bera baino hamar urte zaharragoa zen ikasle lagun bat eraso zuen, drogen eraginaren pean eta Säter-en sartu zuten berriro ere. 1974ko ekainean baimena eman zioten egunean bi orduz ospitalea uzteko, drogarik ez hartzeko eta istilurik ez sortzeko baldintzaz. 1975eko urtarrilean pare bat hilabetez monasterio batean egoteko baimena eman zioten, baina astebeterako Säter-era itzuli zen. 1975eko azaroaren 3an bere buruaz beste egiten saiatu zen eta gutxigatik atera zuten onik. 1977 urtean askatu zuten Säter-etik. 1977an hil zitzaion aita eta Sture ama zaintzen geratu zen. 1980ko hamarkadaren hasieran benzodiazepina sendagaiaren dosi txikiak hartzen zituen eta bizitza kontrolatua zeraman. Ama 1983an hil zitzaion. 1982an prentsa saltoki bat jarri zuten hiru anaien artean. 1986an itxi zuten denda eta Kristina izeneko lagun batekin kiosko bat ireki zuen. Kristinaren seme Patrik-en lagun egin zen Sture eta harekin lotura nahiko estua izan zuen, hura neska batekin irteten zen arren. 1988an droga gehiago eta alkohola kontsumitzen hasi zen Sture eta lanera toxikaturik joaten zen. Kioskoa utzi eta ordukako lana lortu zuen bingo deitzaile moduan. Patrik lagun zuela, banku batean atraku bat egiten saiatu zen 1990ean; bankuko zuzendariaren familia bahitu zuten. Sture mozorroturik zihoan eta finlandierako azentua erabiliz hitz egin zuen, ezagutu ez zezaten, bankuko bezeroa baitzen eta banku aurreko estankoan egiten baitzuen lana; baina une batez ahantzi egin zitzaion azentuarena eta ezagutu egin zuen bankuko zuzendariak. Poliziak atxilotu zituen Sture eta Patrik. Patriki espetxe zigorra eman zioten eta Sture ospitale psikiatriko batera bideratu zuten. Psikiatrak esan zuen lapurreta ez zutela egin onura ekonomikoa lortzeko, baizik elkarrekin zuten harreman sexual motak eramanda. 1991ko apirilaren 29an Säter-ko ospitale psikiatrikoan sartu zuten, 41 urterekin. Ospitale horretara eramateko motiboak: lapurreta saioa, haurrei eragindako abusu sexualak, drogen kontsumoa eta nortasunaren nahastea. Säter-en berehala hasi ziren Sture-ri droga psikotropiko ugari ematen eta horrela jarraitu zuten hurrengo hamar urteetan. Säter-en zegoela, 1992ko udan, hasi zen Sture Bergwall Thomas Quick izena erabiltzen: Thomas zen haren lehen biktimaren izena eta Quick haren amaren ezkongabe-garaiko deitura zen (Råstam, 2013; Josefsson, 2015). 2. Thomas Quick-en aitorpenak eta zigorrak Säter-ko Psikiatrikoko terapia saioetan Thomas Quick-ek bere bizkar hartu zuen argitu gabeko 32 hilketaren ardura eta zortzi hilketengatik kondenatu zuten. Hilketa horiek 1964tik 1993ra bitartean gertatuak ziren. 1992ko ekaineko egun eguzkitsu batean, Ljustern lakuaren ondoan, hasi zen Bergwall erizainari aitorpen horiek egiten. Ordurako urtebete pasatxo zeraman Säter-en. Bergwall-ek bazituen inguruan hiltzaile gogorrak eta haien artean nabarmentzeko eta arreta erakartzeko zerbait larria egin zuela esan beharra zeukan. Ospitale psikiatrikoko profesionalen eta poliziaren aurrean aitortu zuen hainbat biktima aiztoz eraso, bahitu, estrangulatu eta bortxatu zituela. Thomasek bere gain hartu zituen hilketak hainbat lurraldetan eginak ziren: Suedia, Finlandia, Norvegia eta Danimarka. Lehen hilketa 1964 urtekoa zen, Thomasek hamalau urte zituenekoa. Sei epaiketa egin zizkioten eta hiru emakume eta bost gizon erailtzeagatik zigortu zuten. Hilketa horien lehen epaiketa 1994an izan zen eta azkena, 2001ean. Bergwall honako pertsona hauek hiltzeagatik kondenatu zuten: • Charles Zelmanovits (Pitea, 1976). • Johan Asplund (Sundsvall, 1980). • Marinus eta Janni Stegehuis (Appojaure, 1984). • Yenon Levi (Rörshyttan, 1988). • Therese Johannesen (Drammen, Norway, 1988). • Trine Jensen (Oslo, 1981) eta Gry Storvik (Oslo, 1985). 2.1. Charles Zelmanovits (Pitea, 1976) Sturek bere gain hartu zuen Charles Zelmanovits izeneko hamabost urteko mutikoaren hilketa. 1976ko azaroaren 12an Pitean desagertu zen Charles, eskolako dantzaldi baten ostean. Haren hondakinak 1993an aurkitu zituzten. Sture-k esan zuen berak eta bere lagun batek erail zutela Charles, baina hilketari buruzko datu oker asko eman zituen: hura Piteako hego-mendebaldean aurkitu zuela esan zuen, ezaguna zenean Munksund-en, Piteako ipar ekialdean, desagertu zela; Charles desagertu zen tokia eta haren hondakinak zeuden tokia ez zetozen inolaz ere bat Sturek deskribatutako ibilbidearekin. Charlesekin topo egin omen zuten orduan hura bere lagunekin zegoen. Quick-en iritziz, elurra zegoen Pitean, baina egun horretan elurrik ez zuen egin han. Quick-ek zion gorpua lurpean sartu zutela, baina besterik zioten tekniko forentseek. Quick-ek zion Charlesek harreman sexuala izan zuela berekin, baina lehentxeago Charlesek bere lagun Mariarekin sexu-harremanak izan zituen. Kontraesan horiek guztiak nabarmenak izan arren, Penttinen poliziaren arabera, Quick-ek egindako deklarazioak ados zetozen hilketaren eszenari buruz zituzten datuekin. Piteako distrituko auzitegian talde kohesionatu bat eratzen joan zen Quick-en kasuaren inguruan: fiskala, abokatu defendatzailea, poliziak, terapeutak, ikerlariak, sendagileak, adituak eta kazetariak. 1993ko martxoan artikulu bat idatzi zuen Christianson-ek DN Debatt kazetan. Artikulu horretan serieko hiltzaileen nortasunari buruzko ikerketak aldarrikatzen zituen. 1994an Sture Bergwall-en kasua ikertzen hasi zen eta ustezko hiltzaileari galderak egiteko elkarrizketa kognitiboa erabiltzea proposatu zuen. Charles Zelmanovits-en hilketaren ikerketa egiteko Piteara joan zen taldeko kide zen Christianson psikologoa, Kwast fiskalarekin, Stahle terapeutarekin, Penttinen poliziarekin, erizainekin eta beste kide batzuekin batera. Sturek berreraikuntza horretan egindakoa ez zetorren bat hilketaren bertsio polizialarekin, baina hala ere, berreraikuntza arrakastatsutzat jo zuten Penttinen, Christianson eta Stahlek, eta jatetxe eder batean ospatu zuten (Råstam, 2013). Epaiketa hasi eta berehala argitaratu zuen Aftonbladet kazetak Sture serieko hiltzaile pedofiloa, nekrofiloa, kanibala eta sadikoa zela. Taldeko kide guztiak bat zetozen beren iritzietan. Kwastek 1994ko urriaren 18an Piteako Instantzia Nagusiko epaimahaiari idatzi zion esanez 1976ko azaroaren 13an Quick-ek Charles Zelmanovits estrangulatu eta hil zuela. Kwast-en esanetan, Sture kondenatzeko froga zehatzak bildu zituen poliziak: aitorpenak, gorpu-zatiak eta beste xehetasun batzuk. 1994an kondenatu zuten Sture hilketa horrengatik, haren aitorpenean oinarrituta eta ebidentzia zientifikorik gabe. Sententzia aho-batez eman zen eta Kwast fiskalarentzat garaipen erraza izan zen (Råstam, 2013). Quick hilketa horrengatik kondenatu zutenean, astean bi egunetan egiten zituen terapia saioak Birgitta Stahle eta Lena Arvidssonekin. Terapia saioak gainbegiratzen zituena Margit zen. Zelmanovits-en kasuan poliziak egiaztatu egin zuen Thomas Quick-ek esana eta horrek indartu egin zuen Margiten teoria. Kwast fiskalak Margiten jarrera indartzen zuen eta Margitek oinarria ematen zion Penttinenen eta Kwasten lanari. Lars Lidberg psikiatria forentseko irakaslea zen, Kwast fiskalak fitxatua. Sture Bergwall-ek bere burua hilketen errudun jo zuenean, berehala onartu zuen Lindberg-ek haren bertsioa; esaten zuen Bergwall-ek aita eta amarengandik eraso sexualak jaso zituela txikia zenean eta orduan lotu zituela erasokortasuna eta sexualitatea. Expressen egunkariko kazetaria zen Pelle Tagesson-ek ere pentsatzen zuen Bergwall errudun zela. 2.2. Johan Asplund (Sundsvall, 1980) 1980ko azaroaren 7an goizeko zortzietan irten zen Johan etxetik, eskolara joateko; hamaika urte zituen. Eskolatik hirurehun metrora bizi zen, baina ez zen etxera berriro itzuli. Poliziak ez zuen haren arrastorik aurkitu. Johan-en gurasoak hedabideetan oso ezagun bihurtu ziren. Susmoak zituzten haurraren amaren lehen bikoteak bahitu izango ote zuen Johan; horregatik kondenatu ere egin zuten, baina apelatu ostean, aske geratu zen. Poliziak lehenengoz 1993ko martxoaren 1ean elkarrizketatu zuen Thomas Quick, Asplund-en hilketa zela eta. 1993ko martxoaren zortzian Bergwall-ek, 42 urterekin, bere gain hartu zuen haren hilketa. Eskolatik irtetean kotxean hartu, basora eraman, bortxatu, estrangulatu eta lur-azpian sartu omen zuen. Haurraren hatzak jan zituela ere esan zuen. Miaketa ugari egin zituzten, baina gorpuzkinik ez zuten aurkitu. Kasua argitu gabe zegoela, kazetari batek haurraren amari esan zion Säter-en giltzaperatua zegoen gizon batek (Sture Bergwall-ek) haurra erail izana aitortu zuela. Haurra bere autora erakarri, basora eraman, sexualki eraso eta, izu-ikara erasoaldi batean, estrangulatu egin zuela. Erail ostean, gorpua ehortzi egin zuela, inork aurki ez zezan. Sundsvall-en jaio zen Johan Asplund eta haren kasua ikertzea Kwast fiskalari eta Sundsvall-eko Penttinen poliziari zegokien. Christer Van der Kwast prokuradoreak esan zuen polizia teknikoa gorpuaren bila ibili zela zakur prestatuekin, Sturek seinalaturiko lekuetan, baina haren arrastorik ez zuela aurkitu. 1993ko udaberrian ibili ziren Asplund-en gorpuzkinen bila, Sturek esandako lekuetan, baina ez zuten ezer aurkitu eta ebidentzia forentserik ez zuten. Stureren bertsioa kolokan zegoen. Tord Ljungström-ek, Sturek (bere esanetan) hilketarako izan zuen konplizeak, inoiz ez zion bere autorik utzi Stureri eta inoiz ez zuen eduki Sturek esaten zuen koloreko autorik. Gainera, Sturek 1987an atera zuen gida-baimena eta autoa gidatzeko batere trebetasunik ez zuen; hilketa, berriz, 1980an gertatu zen. Bergwall-ek ez zekien mutilak zer jantzi zeraman. Sturek hasieran esaten zuen estrangulatuta hil zuela, baina gero aiztoz erail zuela esan zuen. Elkarrizketa bakoitzean bertsioak aldatzen zituen. Hala ere, Kwast fiskalak eta Penttinen poliziak Säter-eko psikiatrek elkarrizketa terapeutikoetan lortutako bertsioa defendatzen jarraitu zuten. Gubb Jan Stigson hiketen erreporterra zen eta martxoaren 10ean Dala-Demokraten kazetan argitaratu zuen Falun-eko bizilagun batek bere gain hartu zuela Asplund-en hilketa (Josefsson, 2015; Råstam, 2013). Johan-en aitak inoiz ez zuen sinetsi bere semearen hiltzailea Bergwall zenik. Bergwallek aitortu zuen Johan-ek marka bat zeukala, sabelean ebaki bat. Johan-en aitak esan zuen bere semeak zuen marka berezia ipurmasaileko orin bat zela. Terapeutekin eta poliziarekin egon ondoren, Bergwall-ek iritzia aldatu zuen. Poliziak eta terapeutek informazioa partekatzen zuten eta Bergwall-en bertsioa bideratzen zuten. 2.3. Marinus eta Janni Stegehuis (Appojaure, 1984) Bikote holandar hau kanpaina denda baten barnean hilda aurkitu zuten, Suedia iparraldeko Appojaure lakuaren inguruan, 1984ko uztailaren 13an. Kasua ikertzeko egin zitzaizkion galdeketetan hilketaren bertsioa aldatzen joan zen Thomas Quick. • Bertsio batean konplizea bazuen eta bestean ez; konplize moduan deskribatzen zuenak bazuen koartada. • Bertsio batean kanpaina dendaren barnetik eraso zituen Quick-ek biktimak; beste bertsioan, kanpotik. • Sturek zion bikoteko neskak (Janny) ile luzea eta beltzarana zuela, baina poliziak bazekien ile motxa zuela, eta zuritzen hasia. • Sturek esan zuen bikoteko emakumea dendatik irteten saiatu zela, baina Janny Stegehuis bere zakuaren barruan zegoen. • Aiztokada kopuruari, garraio moduari eta konplizeen parte-hartzeari buruz ez ziren bat etorri Quick-en bertsioa eta bertsio ofiziala. • Sture ez zen gai izan hilketan erabili zen aizto motaren berri emateko. • Sturek hasieran esan zuen gizonezkoaren bizikleta ostu zuela. Epaiaren arabera, emakumezkoaren bizikleta ostu zuen. • Ez zen egia hildako emakumea gerritik gora biluzik zegoela. • Hilketa antzeztean, bertsio ofizialak esaten zuenaren kontrako tokietan kokatu zituen Quickek kotxea eta denda; gizona eta emakumea alderantzizko lekuetan jarri zituen. • Hilketa hura serieko hiltzaile baten logikatik kanpokoa zen. Ordura arte mutikoen hiltzaile izan zenak hogeita hamar urtetik gorako bikote bat eraso zuen oraingoan. • Pertsona susmagarri bat bazegoen hilketa horren ikerketan: droga mendekoa eta bortxazalea zen Johnny Farebrink. Kwastek esan zuen Quick eta Farebrink-en artean egindako erailketa izan zitekeela eta Thomas Quick-ek onartu zuen haren laguntzaz erail zituela Stegehuis-tarrak. Farebrink Suediako hiltzaile ezagunenetakoa zen, baina esaten zuen inoiz ez zela egon Thomas Quick-ekin; baina, hilketak gertatu baino bi aste lehenago espetxetik libre geratu zen. Hala ere, Farebrink-ek bazuen koartada bat, hilketa gertatu zen egunetan bere emaztearekin ospitalean egon zelako, haren krisialdi psikotiko baten ondorioz. Koartada horren berri izan arren, Säter ospitalera eraman zuten Farebrink eta Quick-en aurrez aurre jarri zuten. Quickek ez zekien zer markatako kotxea zuen Farebrink-ek hilketaren garaian. Quick-ek Farebrink-i esan zion elkarrekin sauna batean egon zirela, eta Farebrinkek erantzun zion berak ez zukeela inoiz aukeratuko sauna batera joatea, saunan arnasarik hartu ezin zuelako. Quick-ek ez zekien ezer Farebrink-ek izter batean zuen errebolberraren tatuajeaz eta bizkarrean zuen aulki elektrikoaren tatuajeaz (Råstam, 2013). Hilketaren agertokia berreraikitzeko Sven Ake Christianson-ek proposatutako galdeketa kognitiborako teknikak erabili zituzten. Krimenaren eszenan zeuden osagai guztiak, orduan bezalaxe jarri zituzten ikertzaileek, agertoki horretan gertaeraren oroitzapenak errazago berreskuratuko zituelakoan. Penttinen poliziak etengabe gogorarazten zizkion Quick-i elkarrizketetan emandako datuak. Jan Olsson eta Ture Nässén ikertzaileek ez zuten hori begi onez ikusten, eszenatokia eraiki behar zuena hiltzailea bera zela pentsatzen baitzuten. Thure Nässén-ek, ikusitakoa ikusita, esan zuen berreraikuntza hori psikologoek gidatu zutela, ez zela izan Sturek bere kabuz egindako berreraikuntza bat. Hilketaren lehen errepresentazioan Sturek ez zuen jokatu bikotearen benetako hiltzaileak edo hiltzaileek jokatu zuen/zuten moduan. Atsedenaldi bat hartu zuten eta bitarte horretan Stahle, Chistianson eta Penttinen-ekin hitz egin zuen eta sendagai dosi ederra hartu zuen. Bigarren berreraikuntzan lehen bertsioko desbiderapenak zuzendu zituen eta gehiago egokitu zen poliziaren bertsio ofizialera (Råstam, 2013; Josefsson, 2015). Birgitta Stahle terapeuta, Kwast fiskala, Christianson psikologoa eta polizia agenteen artean egindako lau hilabeteko ikerketaren ondoren, Kwast seguru agertu zen: Quick erruduna zen. Penttinen eta Christianson-en aholkuari jarraituz, Bergwall-ek Claes Borgström hartu zuen abokatutzat. Borgström psikologiaren arloan prestatua zen eta ezagutzen zituen Laing-en teoria antipsikiatrikoak. Kwast eta Borgström-ek Gällivare-ko distrituko auzitegiari proposatu zioten har zezala Christianson aditu moduan, Marinus eta Janni Stegehuis-en kasua argitzeko, eta halaxe egin zuen. 1996ko urtarrilaren 9an hasi zen epaiketa. Epaiketa horretako irudi nagusia Christianson izan zen. Christianson-ek memoriaren bi mekanismo oposatuen teoria aurkeztu zuen. Lehen mekanismoaren arabera, egoera mehatxatzaileak identifikatu eta ezagutzen ditu memoriak. Bigarren mekanismoaren arabera, desatseginak diren gertaerak ahanzten ditu. Haren iritziz, Sturek gertaera traumatikoak ezin zituen gogoratu, baina haren iraganeko esperientzien berri ematen digute hark egindako hilketek, hark bizi izandako gertaera traumatikoen berreraikitze eta errepresentazio baitira hilketa horiek. Christianson-en iritziz, ez zegoen ebidentziarik Sturek aitorpen faltsuak egin zituela adierazten zuenik. Christianson-ek Margiten teoriak bereganatu zituen (Råstam, 2013; Josefsson, 2015). Appojaureko hilketa berreraikitzean, Ellington izeneko identitatea hartu zuen Sturek. Psikiatra batek esaten zuen eskizofreniaren antzeko zerbait zuela Sturek, ongi funtzionatzen zuen azaleko geruza baten azpian; psikosia edo nortasun anizkoitzaren nahastea eduki zezakeela. 1985 eta 1995 artean asko ugaritu ziren nortasun anizkoitzen kasuak, batez ere EEBBetan. Normalean terapeutek berek induzitutako nortasun anizkoitzen kasuak ziren. Aipatzekoa da Sybil-en kasua. Nortasun anizkoitza garatu zutenek haurtzaroan eskuarki abusu sexualak jasan zituztela pentsatzen zuten, baina gero konturatu ziren nahaste hori zuten pertsonek berreskuratzen zituzten oroitzapenak faltsuak zirela; hots, terapeutaren laguntzaz eta indukzioz berreskuratu zituztela oroitzapen horiek. Sturek bi nortasun disoziatu garatzen zituen eskuarki: Ellington (aitaren irudia) eta Nana (amaren irudia), baina egun batean Birgitta Stahlek nortasun anizkoitzei buruzko artikulu bat erakutsi zion; artikulu horretan Truddi Chase emakume amerikarraren nortasun anizkoitzaz hitz egiten zen: laurogeita hamabi nortasun ezberdin garatu zituen. Handik laster, Sturek hirugarren identitatea, Cliff-ena garatu zuen (Råstam, 2013). Marinus eta Janni Stegehuis-en hilketagatik Quick zigortzen zuen sententzia 1996an eman zuten epailariek, inolako ebidentzia forentserik gabe. Sturek zioenez, hilketa hori Ellington izeneko nortasun disoziatuak aginduta egin zuen. 2.4. Yenon Levi (Rörshyttan, 1988) Israeldik etorritako 24 urteko turista, trekking egiten ari zela erail zuten Dalarna-ko Konderrian. 1988ko maiatzaren 3an joan zen Levi Suediara eta ekainaren 11n aurkitu zuten haren gorputza Dalarnako eskualdean, Rörshyttan-eko baso bide batean, Säter-dik hogei bat kilometrora. Gorputzaren ondoan hesola odoleztatu bat zegoen, baina horren berririk ez zuen eman telebistako programak. Yenon Levi Estokolmoko Geltoki Zentralean ikusi zuten azkenekoz, ekainaren 5ean. Hilketa horren berri TV3-ko Efterlyst (Wanted) programaren bidez jaso zuen Sturek, 1995eko maiatzaren 17an (Råstam, 2013). Hilketa hori berak egina zela esan zion Sturek Christianson-i, urte horretako uztailean. Abuztuaren 19an gauez deitu zion Quick-ek Penttinen poliziari eta esan zion konplize baten laguntzaz hil zuela Levi. Konplize hori Upsalan hartu zuela eta Garpenberg-era joan zirela autoan. Han Leviri heldu ziola eta konplizeak erail zuela, autoaren maletategitik ateratako objektu astun baten kolpez. Han utzi zutela gorputza. Expressen egunkariari ere esan zion konplize baten laguntzaz erail zuela Levi. Gero bertsioa aldatu eta esan zuen berak bakarrik hil zuela, harri batez jota. Quickek egindako hilketaren deskribapena ez zetorren bat poliziaren ikerketako datuekin; hurbilago zegoen telebistako Wanted programaren bertsiotik (Råstam, 2013). Quick-ek bertsio kontrajarriak eman zituen: - Batzuetan konplizeak aipatzen zituen eta beste batzuetan ez. - Batzuetan toki batzuk aipatzen zituen, eta besteetan beste toki batzuk. Bertsio batean esaten zuen Levi lehen aldiz Upsalako tren geltokiaren inguruan aurkitu zuela; baina, lekukoak zeuden esaten zutenak Levi Estokolmoko Geltoki Zentralean ikusi zutela, desagertu baino lehen. Ikerketak ez zuen inola ere lotzen Upsalarekin. Bost hilabetez lehen bertsioari eutsi ondoren, kontaketa aldatu egin zuen eta esan zuen Estokolmoko Geltoki Zentralean hartu zuela Levi. - Hilketarako erabilitako balizko tresna ere aldatu egiten zuen: harri kolpez, kotxeko katuaren kolpez, palanka batez edo hesola batez. - Hilketaren unea ere aldatu egin zuen: batean esaten zuen hilda gero sartu zuela kotxean; bestean, hil aurretik sartu zuela. - Quickek esan zuen bere eskua jertsearen azpitik pasatu zuela Leviren sabelean eta bularrean eta haren ilea sentitu zuela. Baina, Levik ilerik ez zuen bularrean eta sabelean (Råstam, 2013; Josefsson, 2015). - 1988an hilketaren gunean kristal lodiko betaurreko batzuk aurkitu zituzten eta Penttinenek betaurreko horietaz galdetu zion Quick-i, baina hark ez zekien ezer. Galdeketetako batean esan zuen gasolindegian erosi zituztela betaurrekoak, Patrik izeneko konplizea mozorrotzeko asmoz. Baina, gauza harrigarria da ikusmeneko inolako arazorik ez duen batek lau dioptria baino gehiagoko kristaldun betaurrekoak erostea mozorrotzeko. 1991ko urtarrilean Zientzia Forentseen Laborategi Nazionalak esan zuen hilketaren gunean aurkitu ziren betaurrekoak pasaporte baten argazkian agertzen zirenak berak zirela. Hoya-Potikslip konpainia optikoak esan zuen pasaporteko betaurrekoek +4 dioptria zituztela. Ben Ali-rena zen pasaporte hori. Beb Ali eraso bortitzengatik espetxean egondako ipar afrikar bat zen, Estokolmoko Geltoki Zentralean salerosketarako eta lapurretarako arabiarrak kontratatzen zituena. Ben Alik kontratatutako marokoar bat, egun pare batez kanpoan egon ondoren, Yenon Leviri falta zitzaiona bezalakoxe jakarekin agertu zen. Yenon Levi azkenekoz bizirik ikusi zuten lekua Estokolmoko Geltoni Zentrala zen. Arabiarra hitz egiten zuten pertsonekin egon zen geltokian Yenon Levi. Levik arabiera hitz egiten zuen, baina judua zen eta Israelgo armadako sarjentu izana zen. Ben Alik gorroto zituen juduak. Beraz, Ben Ali susmagarria zen Yenon Leviren hiltzaile moduan (Råstam, 2013). - Christina Ekström mediku ikerleak Quick-ek galdeketetan emandako informazioaren kontrako ebidentzia forentseen berri eman zuen; Quick-ek emandako bertsioen artean kontraesanak zeudela zioen: pelbisaren eskuin aldean bazuen Levik haustura bat, Quick-en deklarazioetan argitu ez zena. Kontraesan horiek guztiak nabarmenak izan arren, Kwast-ek ez zuen pentsatzen Quick-en bertsio aldaketek haren aitorpenei sinesgarritasunik kentzen zienik. Batzuetan denbora asko egin behar izaten zuten gertakizunen bertsio zatikatuak eta kontrajarriak bateratzeko: terapia luzeak, poliziaren galdeketak, berreraikitze errepikatuak. Paul Johansson detektibe superintendenteak Yenon Leviren hilketari buruzko ikerketa-txostena irakurri ondoren esan zuen Quick-ek ez zekiela tutik ere Yenon Leviren hilketari buruz. Johansson-en ondorengo superintendentea Jan Olsson izan zen. Olsson harrituta zegoen Quicken kontrako ekintza judizial bat has zitekeelako, hilketa egin zuena aske zegoen artean. Olsson inspektore buru erretiratuak Råstam-i esandakoaren arabera, hasieratik saiatu ziren Penttinen, Kwast, Christianson, Stahle eta kideak Quick-en bertsioa indartuko zuten frogen bila eta ez zieten jaramonik egin bertsio horren kontra zihoazen gertaerei. Olsson-ek Kwasti esan zion gehiegi eragiten zuela aditu teknikoen lanean. Kwast-ek debekatu egin zien Lennart Jarlheim eta Willy Hammar ikerketa arduradunei Quick-en ustezko konplizearen neska-lagunari galderak egitea. Fiskal bera arduratu zen Quick-en kasu guztiak aztertzeaz eta galdekatzaile berberak egin zizkion galdeketa guztiak. Fiskalaren eta defentsa abokatuaren artean ez zen egon inolako aurkakotasun eta lehiarik: abokatu defendatzaileak, Borgström-ek, ez zituen zalantzan jarri Quick-en kontrako frogak (Råstam, 2013). Hedemorako tribunalak onartu zuen ez zegoela frogarik Quick hilketarekin zuzenki erlazionatzeko. Baina, hilketaren bertsioa kontsistentea zenez, eta inkoherentziarik ez zegoenez, Quick-ek erail zuela zirudien. Penttinen polizia ikertzailearen eta epaimahaiaren arabera, kontraesan garrantzizkorik ez zegoen Quick-en bertsioan. Horrela, ebidentzia forentserik gabe, Bergwall aho-batez errudun jotzen zuen sententzia eman zuen epaimahaiak 1997ko maiatzaren 28an (Råstam, 2013). 2.5. Therese Johannesen (Drammen, Norway, 1988) Therese 1988ko uztailaren 3an desagertu zen, 9 urte zituela, Norvegiako Drammen hirian. Ehun polizia baino gehiago jardun ziren lanean haren bila eta milaka pertsona ikertu zituzten, baina emaitzarik ez zuten lortu. Thereseren hilketaren berri Norvegiako kazetari batek eman zion Stureri, Verdens Gang egunkarian ateratako idatzi baten bidez. 1996an aitortu zuen Bergwall-ek Therese erail zuela. • Quick-ek zion 16 urteko Patrik Olofsson-ek eta berak erail zutela Therese. Patrikek bortxatu egin omen zuen Therese. Hala eta guztiz ere, Patrik ez zuten atxilotu, Johny Farebrink (Appojaureko konplizea), Messaure-ko Rune Nilson eta beste ustezko konplize batzuk atxilotu ez zituzten bezalaxe. Psychological Profiling Group-eko Ulf Asgard-ek ez zuen ezagutzen hainbeste konplize eduki zuen serieko hiltzailerik. • Bergwall-ek esan zuen Therese ile horia eta begi urdina zela, baina Therese beltzarana zen eta gaztaina koloreko begiak zituen. • Therese hiri batean bizi zen, eta ez herri txiki batean, Bergwall-ek zion moduan. • Bergwall-ek zion egun eguzkitsu batean gertatu zela hilketa, baina egun euritsua zen krimenaren eguna. • Quickek ez zituen gogoratzen Thereseren xehetasunak eta Fjell eskualdekoak ere ez. • 1996ko apirilaren 25ean Thereseren hilketaren berreraikuntza egitera irten ziren Säter-dik Thomas Quick, Christianson memorian aditua, Birgitta Stahle psikoterapeuta, Kwast fiskala, Claes Borgström abokatua, polizia eta Quicken sendagaiez arduratzen ziren ospitaleko erizainak. Berreraikuntza horretan Quick-ek esan zuen gogoratzen zuela Theresek orbain bat zuela eskuineko besoan. Thereseren amak zion jaiotzetiko marka bat zuela alabak masailean, baina ez zuen aipatzen besoan orbainik zuenik. 1996ko irailaren 9ko galdeketarako polizia norvegiarrak Penttinen-i esan zion Theresek ekzema zeukala bere besoen barnealdean. Penttinen-ek ekzema horri buruzko galdeketa gidatua egin zion Quick-i, baina, hala ere, hark ez zuen bertsio zuzenik eman. Alabaina, froga konbentzigarritzat hartu zuten hori epaiketan (Råstam, 2013). Christianson izan zen 1997ko udan hilketaren berreraikitzea zuzendu zuen gidari intelektuala. 1998ko maiatzeko epaiketan Sturek egindako hutsegiteen arrazoia agertu zuen Christianson-ek: gertaera traumatikoak eskuarki ongi antolatuak egoten badira ere pertsonaren memorian, mekanismo babesleek hilketaren eszenako oroitzapenak ezabatu egiten dituzte inkontzienteki. Hilketen eduki sinbolikoa azpimarratzen zuen Christiansonek. Säter-eko ospitaleko adituen ikuspegiaren arabera, Thereseren hilketa gertaera traumatikoa izan zen eta haren oroitzapena memoriatik ezabatua edo rreprimitua izan zen. Bergwall urtetan ez zen esperientzia horretaz gogoratu. Terapia saioetan berreskuratu zuen gertaeraren memoria (Råstam, 2013). Thereseren gorpuzkinak aurkitzeko espedizio bat antolatu zuten Orje Forest-era; han elkartu ziren Quick, abokatua, fiskala, polizia galdekatzailea, memorian aditua, psikoterapeuta, erizainak eta Suediako nahiz Norvegiako poliziak. Chistiansonek hilketaren eszenatokia aztertzeko gidalerro batzuk eman zizkien eta Bergwalli narkotikoak mugarik gabe emateko aholkatu zuen (Råstam, 2013). Sture erabat drogatuta eraman zuten eta norabide jakinik gabe, lehenik toki batera eta gero bestera, ibili zen gorpuzkinen bila. Horretan zebiltzala, Ellington izeneko nortasuna, nortasun disoziatua, atera zuen Bergwallek. Quick-ek esan zuen Ringan lakura bota zituela Thereseren gorpuzkinak. Zazpi astetan hondakinen bila jardun arren, eta dena ongi miatu arren, ez zuten ezer aurkitu. Gero pentsatu zuen gorpuzkinak legar-gune bateko zulotxo eta su-toki batzuetan egon zitezkeela eta han hezur hondakinak izan zitezkeen material puska kaxkar batzuk aurkitu zituzten. Per Holck irakasle norvegiarrak eta Richard Helmer alemaniarrak material horiek aztertu zituzten eta esan zuten gizaki gazte baten hezur puskak zirela probableki. Borgdtróm abokatuak esan zuen Thomas Quick-i esker aurkitu zirela hezur puska horiek. Penttinen eta Stigson-en iritzian ere, hezur puska horien aurkikuntza oso garrantzitsua zen. Quick-ek esan zuen laku inguru hartan gorpu-zati txikiak zabaldu zituela. Toki horietako lurra eraman zen Estokolmoko Historia Naturalaren Museora; han Arkeologia Forentseko Lan Taldeko Rita Larje osteologoak aztertu zituen eramandako lurra eta hondakinak eta ez zuen hezur bat bera ere aurkitu. Hogei gune aztertu zituzten eta aurkitutako hezur bakarrak behi baten saihets hezurrak izan ziren. Gainera, Larjek esaten zuen Holck eta Helmer-ek ez zituztela identifikatu hezur puskak. Ez zuten esan hezur puska handiena gorputzeko zein hezurri zegokion. Holck eta Helmer-en ondorioak ez zeuden literatura zientifikoan oinarrituta. Larjeren iritziz, oso zalantzazkoa zen hezur zati horiek pertsonarenak zirela esatea. Beste osteologo batengana joan nahi zuen hezur puska horiek aztertzera, baina Kwast-ek eragotzi egin zuen osteologo independente batek azterketa egitea, Thereseren ama azterketa berri bat egitearen aldekoa izan arren (Råstam, 2013). Azkenean, ikerlari independente baten esku utzi zuten hondakin horien azterketa; analisi zientifikoak egin ostean esan zuten ez zirela hezurrak, baizik egur puskak eta material sintetikoak. Zientzia Forentsearen Laborategi Nazionalak esan zuen hondakin horiek ez zirela gizakiarenak. 2010eko apirilaren 8ko The Local egunkariak idatzi zuen serieko hiltzailearen biktimaren gorpuzkin gisara aurkeztu ziren ustezko hezurrak egurra eta kola besterik ez zirela. Ylva Svenfeldt ikerlari independentea erretako hezur hondakinetan espezialista zen eta gogor kritikatu zuen Holck eta Helmer-ek egindako ikerketa; harentzat garbi zegoen haiek ez zirela hezur hondakinak; iruzur zientifikoa izan zela esan zuen Aftonbladet egunkarian. Sendagaiei esker gogoratu zen Quick Thereseren gorpuzkinak ez zituela lakuan bota, baizik zulotxo batzuetan gorde zituela. Baina, gordeleku horiek ere ez zituen aurkitu. Ez zegoen lekukorik eta ebidentzia forentserik, Quick-en erruduntasuna demostratuko zuenik. Ez zen gai izan gorpuzkinak non gorde zituen agertzeko. Dan Josefsson-ek esaten duen moduan, Quick-en taldea eskolatu izan ez balute, memoriaren errepresioak nola funtzionatzen duen esateko, denek esango zuketen Quick gezurretan ari zela. Cristianson-en memoriaren errepresioaren teoriari esker, Quick hiltzailea zen, biktimak nolakoak ziren ez bazekien ere, non erail zituen ez bazekien ere eta hondakinak non gorde zituen ez bazekien ere. Kwast fiskalak hiltzaile izateaz akusatu zuen Quick: esan zuen Quick-ek xehetasun oso garrantzitsuak eman zituela, Thereseren hilketarekin erlazionatzen zutenak. Bogström-ek, Quick-en abokatuak ere esan zuen zalantzarik ez zegoela froga horien aurrean. Kwasten iritziz, Thereseren hilketari buruz poliziak bakarrik jakin zitzakeen datuak eman zituen Sturek. Baina, ez zuten kontuan hartu Quick-ek harremana izan zuela Svein Arne Haavik izeneko kazetari norvegiarrarekin 1995eko udan, hark gutun bat idatzi ziolako. Haavik-ek lan egiten zuen kazetak, Verdens Gang-ek, Quicki buruzko artikulu batzuk argitaratu zituen eta Haavikek artikulu horiek eman zizkion Quicki. Artikulu horietako datuak erabili zituen Sturek poliziari egindako aitorpenetan, eta esan zuen hilketei buruzko inolako informaziorik ez zuela irakurri (Råstam, 2013). Ebidentzia forentserik gabe, 1998an eman zuen epaimahaiak Quick kondenatzen zuen sententzia. Christianson-ek dena justifikatzen zuen, esanez gertaera traumatikoak ondo gordetzen direla memorian, baina egon daitezkeela memoria horiek erreprimitzen dituzten mekanismo babesleak. Esaten zuen hiltzaileak bere traumei buruzko historia egiten duela hilketen bidez (Råstam, 2013). Råstam kazetaria Norvegiara joan zen eta han Thomas Bjerknes polizia irakasleak utzitako hiru bideo ikusi zituen. Bideo horietan garbi agertzen zen Sture drogatuta eraman zutela errekonozimendu saiora. Råstam Säter-ko ospitalera Sture ikustera joan zen 2008ko irailaren 17an; hari gogorarazi zion, Xanax drogaren dosi handi bat hartuta joan zela Norvegiako hilketaren errekonozimendu saiora. Stureri zalantza sortu zitzaion, egia izan ote zitekeen berak hilketarik ez zuela egin. Råstam-ek esan zion hilketa horien egilea ez bazen, aukera ezin hobea zuela atzera egiteko. Sturek esan zion ospitaleko jendeak uste zuela bera zela hiltzailea eta ospitaleko sendagileek nahi adina droga ematen zioten garaietan berak Säter-ko ospitaleari ongi zetozkion aitorpenak egin zituela. Ospitaleko medikuek droga emateari utzi ziotenean, berak aitorpenak egiteari utzi zion. Terapeutekin eta poliziarekin harremanak izateari utzi zion (Råstam, 2013). 2.6. Trine Jensen (Oslo, 1981) eta Gry Storvik (Oslo, 1985) Jensen eta Storvik-en kasuak batera epaitu zituzten, biak Sturek eginak zirela pentsatzen baitzuten. 2000ko ekainaren 22an bi neska horiek hiltzeagatik kondenatu zuten Sture. 1981eko abuztuan 17 urteko Trine Jensen-ek bere ama bisitatu zuen Osloko erdiguneko denda batean. Arratsaldean lagun batekin elkartzeko gelditua zen, baina desagertu egin zen. Oslotik 15 bat kilometrora aurkitu zuten, bortxatua eta eraila. Therese Johannessen-en hilketa berreraikitzera Norvegiara joan zenean izan zuen Sturek Trine Jensen-en hilketaren berri, Dagbladet kazetaren bidez. 1996ko urrian Penttinenen aurrean aitortu zuen berak hil zuela Trine. 2000. urtean eman zuen epaimahaiak Bergwall kondenatzen zuen sententzia, ebidentzia forentserik gabe. 24 urteko neska heroinazale eta prostituta zen Gry Storvik. 1985eko ekainaren 24 edo 25ean desagertu zen Oslon eta hurrengo egunean hilik agertu zen auto-aparkaleku batean. Kazetari norvegiar batek eman zion Stureri hilketaren berri. Sturek kazetariari esan zion berak erail zuela Gry Storvik: 23 urte zituela Norvegian harekin sexua izan eta erail egin zuela. Bergwall homosexuala zen eta biktimari aurkitu zitzaion semena ez zen harena. Ebidentzia forentserik gabe kondenatu zuten Thomas, hilketa bere gain hartu ostean. Penttinen poliziak ez zion jaramonik egiten Sturek esaten eta egiten zuenari, aurre-iritzien arabera gidatzen baitzen. Sturek 1999ko urrian esan zuen aiztokadaz erail zuela Storvik eta Penttinenek bazekien Storvik-en hiltzaileak ez zuela aiztorik erabili. Baina, Penttinen Säter-ko ereduaren teoriaz baliatzen zen gertaerak interpretatzeko. Sturek zenbat eta hutsegite gehiago egin elkarrizketetan, zenbat eta kontraesan gehiago agertu, orduan eta ziurrago zegoen Penttinen gertaera lazgarriak gordetzen zituela Bergwallek; bertsio ofizialarekiko Sturek agertzen zituen kontraesanak babes mekanismotzat hartzen zituen Pentinen-ek eta bertsioa zuzentzea eta bertsio koherente bat ematea denbora kontua zela pentsatzen zuen. Penttinenen iritziz, hilketei buruzko galdeketetan eta elkarrizketetan Sturek esandakoek garrantzi gutxiago zuten haren arnasketa erritmoak, aurpegi adierazpenek, tonu aldaketek, isilaldiek edo keinuek baino; beraz, Penttinen poliziak gehiago begiratzen zion Stureren gorputz adierazpenari hark esandakoari baino. Berak bere kabuz egindako aitorpenetan oinarrituta kondenatu zuten Thomas, inolako ebidentzia zientifiko-teknikorik, frogarik eta testigantzarik gabe. Bergwall inplikatuko zuen lekukorik eta armarik ez zen aurkitu. Hasieran Thomas ez zen hilketa kasu horietan gertatuaz oroitzen, baina memoria berreskuratzeko egindako terapia saioen ondoren, benzodiazepinen laguntzaz egindako terapia saioen ondoren, memoria “berreskuratu” zuen eta poliziaren txostenetan erregistratu zuen. Poliziaren bertsiora hurbiltzeko, liburutegietako informazioa eta galdeketetan terapeutek eta poliziek egindako iradokizunak, sugestioak eta adierazpenak erabiltzen zituen. Liburutegietan aurkitzen zuen argitu gabeko hilketen informazioa eta haietatik ateratzen zituen hilketak deskribatzeko erabiltzen zituen datuak eta xehetasunak. Esate baterako, Estokolmoko Errege Liburutegiko mikrofilmeetatik. Psikiatrikoko profesionalen, abokatuen eta poliziaren igurikapenetan eta gorputz espresioan oinarrituta asmatzen zuen Thomasek bere deklarazioetan esan behar zuena. Terapeutek, kasuaren jarraipen zorrotza egin ordez, ad hoc arrazoibide bat jarraitu zuten: pentsatzen zuten, kasua deskribatzen hastean, Quick ez zela kasuaren xehetasunez oroitzen, memoria erreprimitua zuelako. 3. Sture Bergwall-ek bere gain hartu zituen beste hilketa batzuk Thomas Blomgren-en hilketa 1964an gertatu zen, Bergwall-ek 14 urte bakarrik zituenean. Kasu hori argitu gabe egon zen hogeita hamar urte inguru. Estokolmoko liburutegitik atera zituen Bergwallek hilketa hori deskribatzeko datuak. 1993ko irailaren 22an joan zen Sture Estokolmoko Liburutegi Nazionalera eta han Thomas Blomgren-en hilketako datuak aztertu zituen. Blomgren eraso sexual bortitz baten ondorioz hil zen. Aitak azken aldikoz 1963an eraso zuen Sture. Horrek trauma bat eragin zuen harengan eta trauma horrek eraman zuen Bolmgren-en hilketaren bidez aitaren erasoa birbizitzera (Råstam, 2013. Sturek gogoratu zuen 14 urte zituela hamalau urteko beste bat hil zuela. Zehaztasun handiz deskribatu zuen Sturek 29 urte lehenago egindako hilketa eta Penttinen poliziari iruditu zitzaion egia esaten ari zela. Hasierako aitorpenean emandako datuak aldatu egiten zituen Sturek aitorpenaren kontraesanak zuzentzeko. Behin baino gehiagotan pasatu zen liburutegitik, hilketaren xehetasunak begiratzera. Penttinen poliziak eta Kjell Persson-ek pentsatu zuten Sturek aurrerapen handia egin zuela bere terapian, galdutako oroitzapenak berreskuratu baitzituen. Margit eta Persson ere guztiz asebeterik zeuden, Säter-ko ereduak funtzionatzen zuela ikusita. Sture zela eta Persson-ek terapeuta trebetzat zeukan bere burua. Kwast ere pozik zegoen, psikiatrengan jarri zuen konfiantzak funtzionatu zuelako. Kwastek prentsaren aurrean esan zuen frogatu zutela Sturek hil zuela Thomas Blomgren. Christer Van de Kwast fiskalak esan zuen Thomas Blomgren-en hilketarekin lotua zegoela Bergwall. Lotura horren azalpenik ez zuen eman Kwast-ek, baina Bergwall-en abokatua, Gunnar Lundgren, harekin ados agertu zen. Kwast-ek Stureren kontra hasi zuen kanpaina arrakastatsua izan zen, Blomgren-en hilketaren epaiketa hasi baino lehen egunkariek erruduntzat jo baitzuten Bergwall. Blomgren-en kasua Thomas Quick tartean sartu baino lehen aztertu zuten polizia zaharrek garbi esaten zuten Sture ezin zitekeela izan haren hiltzailea. Harrigarria zen Kwast-ek polizia horiengana jo ez izana. Bazeuden lekukoak Blomgren berrogei bat urteko gizon batekin ikusi zutenak eta gizon hori identifikatu zutenak. Gerora jakin zen hilketa gertatu zen aste bukaeran (1964k maiatzaren 6an) Pentekoste Elizan sendotza sakramentua hartu zuela Thomasek, hilketa gertatu zen tokitik sei ordu et erdiko distantziara. Hainbat lekukok ikusi zuten bere arreba bikiarekin batera komunioa hartzen, hilketa gertatu zen lekutik horrenbeste kilometrotara. Gainera, gertaera horretako argazki bat ere bazegoen. Sturek esan zuen hilketa Albestan edo Ljungn-en gertatu zela, baina Växjön-n gertatu zen. Nola joan zen Falun inguruko Korsnäs-etik Växjö-ra, batetik bestera bostehun kilometro eta gehiago baldin badago? Sturek hasieran esaten zuen Sisten Eliasson-ekin joan zela, haren autoan; gero ez zion galdera horri erantzun nahi izaten. Hamalau urterekin, autorik eta gida baimenik gabe, oraindik erosi gabeko autoan (hilketarako erabili zuten autoa oraindik erosi gabe zeukan haren txoferrak hilketa gertatu zen urtean), hilketa gunetik kilometro askotara zegoen eta sendotza hartu zuen asteburu horretan (Råstam, 2013). Beraz, Kwast fiskalak gezurra esan zuen kasua argitua zegoela esan zuenean. Garbi dagoena da psikoterapeutak, poliziak eta fiskalak elkar hartuta lan egin zutela. Ados zeuden Kwast, Penttinen, Göran Fransson, Kjell Persson eta Margit Norell (Josefsson, 2015; Råstam, 2013). Beste hainbat aitorpenen artean, Thomasek aitortu zuen bi errefuxiatu afrikar erail izana ere, baina bizirik eta ongi aurkitu zituzten gerora bi pertsona horiek. Thomasek bere gain hartutako hilketen kasu bakar batean ere ez zegoen ebidentzia enpirikotik, egilea bera zela esateko. Milaka lagun elkarrizketatu zituzten kasu horien inguruko datuak jasotzeko, baina Thomas akusatuko zuen lekukorik ez zen agertu. 4. Zerk eraman zuen Sture Bergwall aitorpen horiek egitera? Sture konturatu zen Perssonek bere txikitako traumen berri jakin nahi zuela eta ez zen paziente interesgarria sentitzen, horrelako traumen oroitzapenik ez zuelako. Sture desiratzen zegoen Margit Norellen seilua zeraman terapia hasteko, hots, objektu-erlazioen teorian oinarritutako psikoterapia hasteko. Ordurako ezagutzen zituen Alice Miler-en teoriak, gurasoen abusuei buruzkoak, Säter-ko liburutegian nahiko liburu baitzeuden ildo horretakoak. 1992an Stureri alta ematea pentsatzen ari zirenean, hark Therese erizainari esan zion ekintza larri baten errudun izan zitekeela. Ekintza larriaren pistatzat bi letra eman zituen: M-U. Kjell Persson eta Göran Fransson-en arduraren pean zegoen Sture. Terapiaz arduratzen zen Persson eta arduradun orokorra zen Fransson. Fransson-ek izan zuenean Sturek esandakoaren berri, hari deitu zion eta M-U letrek zer esan nahi zuten galdetu zion. Sturek ez zion erantzun. Orduan Fransson-ek esan zion ezin zitekeela ospitaletik irten, argibide gehiago eman artean. Hamar egunez ospitaletik irten gabe eduki ostean, irteteko baimena eman zioten. Perssonekin egiten zituen terapia saioetan (asteko bi saio) haurtzaroko gertaera ahantziak berreskuratzen hasi zen Sture. Haurtzaroko oroitzapenetan zentratu ziren terapeutak, eta jaramon handirik ez zioten egin Sturek drogekiko zuen mendekotasunari. Baina, Sturek, zenbat eta oroitzapen lazgarriagoen berri eman, orduan eta droga gehiago lortzen zuen. Gainera, irteteko baimena ematen zioten: egunean hiru ordu. Elizara joateko edo ariketa fisikoa egiteko irteten uzten zioten. 1991ko abenduan lagun batekin ihes egin zuen, suizidatzeko asmoaren berri ematen zuen oharra utzita. Hurrengo egunean itzuli ziren, anfetaminak kontsumitu zituztela esanez. Ordurako hasia zegoen bere haurtzaroko gertaera traumatikoak oroitzen: hiru urte zituela aitak beraz abusatu egin zuela; amak aurpegi bikoitza zuela, lau urte zituenean izoztutako laku batean utzi zuela, eta beste batean tranbia baten bidean utzi zuela (Råstam, 2013). Terapia saioetan Bergwallek esan zuen berak egindako hilketa baten (Johan Asplund-ena) oroitzapenak berreskuratzen ari zela. Aitortza hori egitean, barne-herstura handia agertu zuen. Kjell Persson ari zen Stureri psikoterapia egiten eta isilean zeramaten Johan Asplund-en hilketari buruzko ikerketa. Persson-ek Säter utzi zuenean, Birgitta Stahle arduratu zen Thomas Quick-en terapiaz eta berehala jakinarazi zioten Göran Franssoni Quick hilketa baten erantzule izan zitekeela. Franssonek Quick behartu zuen aitorpen hori poliziaren aurrean egitera. Jörgen Persson ofizialak egin zion Thomas Quicki lehen galdeketa, 1993ko martxoaren 1ean. Galdeketa horretan aitortu zuen beste mutil bat ere erail zuela: Thomas Blomgren (Råstam, 2013). Sture Bergwall-ek izen berria hartu zuen 1992ko uztailean: Thomas Quick. Bazirudien Säter-ko terapia ereduaren bidez, eta Margiten laguntzari esker, hainbeste urtetan argitu gabe zeuden hilketa kasuak argituko zirela. Sture bera ez zegoen oso ziur egin zituen aitorpenez. Berak batzuetan irudimenezko ikuspen edo fantasiatzat jotzen zituen hilketei buruzko aitorpen horiek, baina, hala ere, Fransson-ek eta Margitek pentsatzen zuten Sture egia esaten ari zela, alegia, benetako hiltzailea zela. Horrela, ospitalean drogak kontsumitzen jarraitzeagatik hilketak asmatzen hasi zen Sture eta, ia konturatu gabe, bere ipuinen sarean gero eta harrapatuago geratu zen. Ipuin edo asmakizun horietatik aldentzen hasten zenean, Säter-ko terapeuta eta arduradunak bere kontakizunera itzularazten zuten. Hala ere, Bergwall-ek pentsatzen zuen poliziak ez zituela asmakizun horiek sinetsiko, terapeutek sinesten zituzten moduan (Råstam, 2013; Josefsson, 2015). 5. Margit Norell, Christianson eta Quick taldea Thomas Quick-ek bere gain hartu zituen hilketen kasuetan talde berak eta taldekide berberek egin zituzten ikerketa gehienak. Epaiketa guztietan fiskal berak aurkeztu zituen Bergwallen kasuak. Thomas-en aitortzak izan ziren ebidentzia-iturri bakarra. Ez zen hilketen froga fisikorik, forentserik edo lekukorik agertu. Pentsamendu kritikoari lekurik ez zitzaion utzi. Quickek bere informazio guztia komunikabideetatik eta epaiketaren aurreko erregistroetatik atera zuen; haietan aurkitzen zuen hilketei buruzko informazio xehetua. Thomas Quick aztertu zuten psikologoen agirietan ikus zitekeenez, terapia saioei esker berreskuratu zituen Thomasek haurtzaroko oroitzapenak. Saio horietan eraiki zuen bere burua serieko hiltzaile moduan. Persson kriminologo eta idazlearen arabera, onartezina da galdeketa guztiak poliziaren kide berberak egin izana. Ikerketan eta instrukzioan hainbat hutsegite egin ziren. Jan Olsson inspektore buruaren iritzian, Sture gezurretan ari zen. 1997ko urtarrilaren 31n Olssonek gezurrezkoak ziren bereizgarrien zerrenda egin eta Kwast fiskalari bidali zion, baina harengandik errieta jaso besterik ez zuen egin. Jan Olsson inspektorea Ulf Asgard psikiatrarekin elkarlanean jardun zen Laser Man-en perfil psikologikoa egiten. Säter-en unitate psikiatriko berri bat ireki zuten, Margiten eredu terapeutikoa pazienteei aplikatzeko; psikoterapia jasotzen ari ziren pazienteak babesteko eta besarkatzeko bereziki egina zen. 1991an Sture Bergwall Säter-era eraman zutenean, Göran Källberg zen zuzendari medikua. Göran Fransson doktorea ere hango unitate psikiatriko berrian zegoen. Norell-en gainbegiradaren pean lan egiten zuten Kallberg-ek eta Birgitta Stahle-k. Fransson-ek garai hartan pentsatzen zuen memoria erreprimituei buruzko Margiten teoria zuzena zela; eta horrela pentsatzen jarraitu zuen, 1995ean Elizabeth Loftusen “The Reality of Repressed Memories” irakurri zuen artean. Fransson-ek esaten zuen urte horietan guztietan giro sektario batean bizi izan zirela eta zaila zela Säter-en lan egitea, Margiten teorien jarraitzaile izan gabe. Teoria horien arabera, pazientearen portaera erasokorrak desagertu egiten ziren haurtzaroko oroitzapen erreprimituak berreskuratuz gero. Kjell Persson-en esku utzi zuten Bergwall-en tratamendua; ez zegoen psikoterapian prestatua eta gaitua, baina haren lana Margitek gainbegiratzen zuen (Josefsson, 2015). Astero behin baino gehiagotan elkartzen zen Persson Sturerekin terapia saioak egiteko eta etengabe joaten zen Margitengana, Estokolmora, hark bere terapia saioak gainbegira zitzan. Sturek sarritan izaten zituen barne-hersturazko dardarak, izu-ikarak, hiperbentilazioak, toteltasuna, bere burua zauritzea, negar histerikoa; baina ez zen borroketan sartzen. Paziente kolaboratzailea zen eta tratu onez eta drogez eskertzen zioten. Jenny Küttim kazetariaren iritziz, Quick-en inguruan zebiltzan profesionalek harengan oinarritu zuten beren ibilbide profesionala. Bestalde, kalte handia egin zuen Quick-ek bere aitorpenekin, hilketa horiek egin zituztenek libre jarraitu baitzuten. Baina, Sture motibazio bikoitza izan zuen jokatu zuen moduan jokatzeko. Alde batetik, nahi beste benzodiazepina lortzen zuen ospitaleko erizainengandik. Beste aldetik, bere auto-irudia elikatzen zuen: serieko hiltzailearen bereizgarri psikologikoak aztertzeak haien tratamendua erraztuko zuen; ordura arte ebatzi gabeko kasuak argituko ziren eta etorkizuneko hainbat hilketa eragotziko ziren. Pertsona ospetsu bihurtu zen Sture, baina, hala ere, krisialdiak izan zituen, pentsatzen baitzuen horrenbeste droga kontsumitzeak heriotzara eramango zuela. Han zegoen, ordea, bere inguruko taldea, Sture deklarazio gehiago egitera behartzeko (Josefsson, 2015). Magnus Brolin psikologoak sekta batekin alderatu zuen Stureren inguruan lanean ari zen taldea. Sturek bazekien antzezten ari zela eta besteak harekin sinesmenean loturik zeuden. Sture hasieran gai zen errealitatea eta fantasia bereizteko, baina gero, horrenbeste benzodiazepina kontsumituta, arazoak zituen errealitatea eta fantasia bereizteko. 1996ko azaroan, esaterako, drogen eraginaren pean, identitate anitz atera zituen, barne-herstura edo izu-ikara erasoak izan zituen eta suizidio entseguak egin zituen. Zenbaterainoko kontsumoa zuen jakiteko, adibide moduan, 1997ko urtarrilaren 28an hartutakoa kontatuko dugu. Barne-hersturaren eraso larriak eta karranpak izan zituen goizean; diazepan supositorioak eman zizkioten. Bazkalostean lo kuluxka bat egin eta barne-herstura nabarmena sentitu zuen; Xanax eman zioten. Zazpiak aldera sendagileak Heminevrin eman zion. Ordubatak aldera arte lo egin zuen eta buruko minez jaiki zen; orduan, paracetamol eta voltaren eman zizkioten; ordubetera Xanax berriro. Goizean jaikitakoan, Xanax berriro ere (Råstam, 2013). Thomasen bertsioek hutsune eta inkoherentzia asko zituzten, baina haren bertsioak bertsio ofizialarekin bat ez zetozenean, ikerketa taldeak pentsatzen zuen traumatizatua zegoela eta erruduntasunak ez ziola uzten gertaeraren xehetasunak berreskuratzen. Quick-en bertsioak aldatu egiten ziren, hilketaren ikerketan aurrera egin ahala. Asmatutako egiara hurbiltzen joaten zen, poliki-poliki. Psikiatrikoko profesionalen eta poliziaren iradokizunetan oinarrituta bertsio ofizialera hurbiltzen zen. Aitortza horietan oinarrituta, beste ebidentziarik gabe, kondenatu zuten Thomas. Quick-en taldean eragin handia izan zuten Margit Norell eta Christianson-ek: Margit Norell 1914an jaio eta 2005ean hil zen. Sexualitateari buruzko hitzaldiak ematen ibili ondoren, psikoterapeuta autodidakta bihurtu zen;1951n hasi zen psikoanalisian trebatzen. Norell-ek pentsatzen zuen psikoanalisiak ez zuela zientziaren sostenguaren beharrik. Haren iritziz, pertsona baten arazoak haren txikitako trauma erreprimituen ondorio ziren eta oroitzapen horiek berreskuratuz gero, pazientea sendatu egiten zen. Kontsulta pribatuan lan egin zuen; besteak beste, Säter ospitaleko terapeuten kanpoko aholkulari eta gainbegiratzaile moduan lan egin zuen. Bergwall-en psikoterapia gainbegiratu zuen Margitek hainbat urtetan. Bergwall-en psikoterapeutak ere berak izendatu zituen: lehenik, Kjell Persson eta gero Birgitta Stahle. Josefsson-en iritziz, Bergwall-en terapia Norell-ek zuzentzen zuen, ez Stahlek. Persson-ek eta Stahlek ez zuten egiaztagiririk psikoterapeuta moduan lan egiteko, eta Norell-ek zuzentzen zituen (Josefsson, 2015). Norell-en prestakuntza freudiar ortodoxoa izan bazen ere, haren autore kuttunak beste batzuk ziren: Horney, Fromm, Frieda Fromm-Reichmann. 1960ko hamarkadan Suediako Elkarte Psikoanalitikoaren babesean lan egiten zuen Margitek, baina freudiar berrien korrontean kokatzen zuen bere praktika. Margitek talde bat osatu zuen, berak psikoanalizatu zituen pertsonez osatua, neurri handi batean; beraz, ezagutzen zituen haien arazo intimoak; freudiarra ez zen elkarte berri ezkutuko bat sortzea planteatu zien. Taldearen orientazio teorikoa Frieda Fromm-Reichmann-ek Psikoanalisia eta Psikoterapia liburuan planteatu zuena zen. Talde horretako kide zen Jan Stenson, psikologiako ikaslea, Margitekin psikoanalisia egin zuena eta amarekin zuen harremana Margitengana transferitu zuena. Margit trebea zen pazienteengan bereganako sentimendu indartsuak pizteko. Taldeko beste kide bat Monica von Sydow zen. Monikak familiako arazo handiak izan zituen; besteak beste, amak abandonatu egin zuen eta bizitza osoan izan zuen barne-herstura. Margiten babesera bildu zen eta harekiko mendekotasun emozional handia izan zuen. Norell-ek pentsatzen zuen nahaste mentalak txikitako esperientzia traumatikoekin erlazionatuak daudela. Berak ere nahiko arazo izan zituen bere haurtzaroan; gurasoak munduan zehar ibili ziren (aita ikerlari zientifiko moduan eta ama kazetari moduan) eta haren hezkuntzaz ez ziren gehiegi arduratu. Margit familia onekoa bazen ere, ez zituen begiko goi klase-mailakoak eta langileen aldeko apustua egin zuen; Nietzsche, Kierkegaard, Marx eta antzeko autoreak irakurri zituen (Dan Josefsson, 2015). 1968an sortu zuen Margitek Psikoterapia eta Psikoanalisia Holistikoaren Institutua. Medikuntzan eta Psikologian prestatutako jendeari psikoterapia holistikoa irakasteko erakundea zen. Institutu hori laster bihurtu zen Elkarte Psikoanalitikoen Nazioarteko Federazioaren kide. Azken elkarte hori Erich Fromm-en ekimenez sortua zen. Margit Norell-ek ez zuen sekretu profesionalaren araua oso ongi betetzen. Taldekide bakoitzari sinestarazten zion pertsona berezia zela beretzat eta beste taldekideen ezkutuko kontuak kontatzen zizkion. Horrela, taldekide bakoitzak uste zuen berak besteen kontuak bazekizkiela, baina besteek ez zekitela bere konturik. Halako batean taldekideak hasi ziren elkarren artean komunikatzen eta konturatu ziren gauza bera egiten zuela kide guztiekin. Margitek uste zuen trebetasun handia zuela psikoanalista moduan kasu zailak konpontzeko, Frieda Fromm-Reichman-ek bezala. Pazientearen guraso on moduan jokatzen zuen eta ordura arte psikoanalisiak sendaezintzat jotzen zituen mugako nahasteak ere tratatzen zituen. Bere taldekideei esaten zien goren mailako terapeutak zirela. Baina, taldeko terapeutek tratatzen zituzten paziente batzuk suizidatu egin ziren eta terapeutek Margitengana jo zuten babes bila, hark gainbegiratzen baitzituen kasuak. Baina, Margiten esan zien gertatutako hutsegiteak terapeutaren ardurakoak zirela, behar zen moduan prestatuak ez zeudelako. Taldekideek ikusi zutenean Margitek ez zuela konfidentzialtasun araua betetzen eta gainbegiratzen zituen kasuetan zegokion erantzukizuna ez zuela bere bizkar hartzen, haren kontra jartzen hasi ziren. 1970eko hamarkadan Erich Fromm-ekin harremana izan zuen Margitek eta hura bere terapeuta izatea nahi izan zuen. Bi udatan astebeteko bi saio egin zituen harekin, Suitzako Lukarnon, eta gehiagotan ere hori bera egin nahi izan zuen, baina Erich Fromm oso okupatua zegoen eta ezin izan zuten (Dan Josefsson, 2015). 1972 urterako Margitek gidatzen zuen taldea haren kontra jarria zegoen. Baina, Säter-eko gaixo eskizofreniko baten terapeuta moduan Barbro Sandin-ek egiten zuen lana gainbegiratzen zuen. Fromm-Reichmann-en bideari jarraitzen zion Margitek eta esaten zen gaixo eskizofrenikoak sendatzera ere heldu zela; baina, Josefsson-ek ez zuen aurkitu zientifikoki balioztatutako ikerketarik, gaixo eskizofrenikoak sendatu zituela esaten zuenik. Säter-en jarraitzen zen eredua mugimendu antipsikiatrikoaren barnean kokatzen zen; mugimendu horrek normalak baino osasuntsuago jotzen zituen eskizofrenikoak eta zalantzan jartzen zituen gizarteko konbentzio hipokritak. Margitek eskizofrenikoekin lantzen zuen terapian pazienteak aurrez zituen harremanei alternatiba bat eskaintzen zitzaien: giza harremanen esperientzia berri bat; harreman horiei esker, sakoneko elementu arriskutsu eta debekatuei aurre egin ziezaieketen (Dan Josefsson, 2015). Margit-ek maitale bat izan zuen: Alanson White Institutuko kide zen David Schecter. 1972an ezagutu zuten elkar. David ere judua zen, Margit bezala. Elkarri beren arazoak kontatzen zizkioten. Margit-ek esaten zion terapiaren gainbegiratzaile moduan hobeto funtzionatzen zuela berak, terapeuta moduan baino. Esan zion, baita ere, 1977ko martxoaren amaieran emango zuela azken hitzaldia Institutu Holistikoan. Hitzaldi horretan Margitek esan zituenak eta Thomas Quick-en kasuko oharretan Birgita Stahlek esandakoak erabat ados zetozen. 1977an Margitek deskribatzen zuen terapia geroago Quick-en kasuan erabiliko zena bera zen: memoria berreskuratzearen terapia, egoera traumatikoak birbizitzearen terapia.1979ko udazkenean New Yorkera joan zen Margit, Davidekin elkartzera, baina hura depresioak jota zegoen eta Margit itzuli egin zen. 1980an Erich Fromm hil zenean, David deseginda geratu zen, urte askotakoa izan baitzen Fromm-ekin egin zuen psikoanalisia. Davidek bere azken gutuna 1980ko uztailean idatzi zion Margiti. Eta bere buruaz beste egin zuen (Dan Josefsson, 2015). David Schecter suizidatu ondoren, beste talde bat osatzen hasi zen Margit. Zazpi bat lagun ziren taldean. Taldekideetako bat Tomas Videgard psikologoa zen. Margitekin egin zuen terapia 13 urtez, astero bi aldiz elkartuta. Margitek erreserbarik gabeko sostengua ematen zion Tomasi; amaren funtzioa betetzen zuen eta Tomas emozionalki haren mendeko zen. Hedén-Chami unibertsitatean irakasten zuen Margaretta zen beste taldekide bat. Harentzat ere ama moduko bat izan zen Margit. Haren iritziz, Margitek osatu zuen taldea sekta moduko bat zen, adierazpen askatasunik gabea. Talde horretan ezin zuten goraipatu Margitena ez zen eredurik. Azkenean, taldetik irten egin zen Margaretta. Terapia saioetan pazienteak aitortutako guztia konfirmatzen zuen Margitek: amaren edo aitaren lekua hartzen zuen. Aukera uzten zion pazienteari bere etxean geratu nahi bazuen gelditzeko. Sekta kutsua zuen Margiten taldeak; Margiten jarrerak eta jokaerak ezin ziren kritikatu; taldekide guztiek pentsamendu bera agertu behar zuten. Margitek baztertu egiten zituen bere metodoa zalantzan jartzen zutenak eta lausengatu egiten zituen adostasuna agertzen zutenak (Dan Josefsson, 2015). Norell-en jarraitzailea zen Tulla Brattbakk-Göthberg psikoterapeutarekin hitz egin zuen Josefsson-ek eta hark Norell-en bereizgarri psikologiko baten berri eman zion: taldekide guztiek itsuki obeditzen zioten Norell-i eta norbaitek zalantzan jartzen bazuen hark esana, taldekideek eraso egiten zioten. Margit Norell-en alaba Annie-ren arabera, aurrez berarekin terapian egondako pertsonekiko harremanak erabat moztu izan zituen bere amak. Giza eskubideen alde asko borrokatu zen, baina, inguruan jende asko zuenean ere oso bakartia zen eta ez zuen lagunik. Bere babesaren beharra zuen jendeaz eta bere teoria psikologikoak miresten zituen jendeaz inguratzen zen. Lana lehenesten zuen, familiaren aurretik. Ondorioz, Norell-en alaba Annie neskamearengandik hurbilago sentitzen zen, amarengandik baino (Josefsson, 2015). Göran Källberg psikiatra 1981az geroztik Säter ospitaleko segurtasun unitatean zegoen. Norell-ekin harremanean jarri zen Källberg eta preso arriskutsuei haren terapia eredua aplikatzen hasi zen; Norellek bere taldeko kide izateko eskaintza egin zion. Källberg zuzendari medikua zen eta berea zen Sture Bergwall-en terapiaren ardura nagusia; Birgitta Stahle psikologoa kontratatu zuen paziente arriskutsuen psikoterapia egiteko eta haren terapia lana Margitek gainbegiratzen zuen. Margitek Stahle ere gonbidatu zuen taldeko kide izateko. Horrela, Birgittak Säter-en aplikatzen zuen terapia Margiten teorian oinarritua zen: haurtzaroko abusuen memoria erreprimitzeak sortzen ditu nahaste psikologikoak. Teoria horretan oinarrituta Svartenbrand izeneko gaizkilea tratatu zuen Källberg-ek eta komunikabideetan oso ospetsu bihurtu zen. Laster, ordea, gaizkileak espetxetik ihes egin zuen eta horrek zalantzan jarri zuen Norell-en eredua. Tomas Videgard, Margareta Hedén-Chami eta beste batzuk aldendu egin ziren Margitengandik, baina haren esanetara jarraitu zuten Birgitta Stahle, Cajsa Lindholm eta Gillan Liljeström-ek. Liljeström 1978 urtean hasi zen Margitekin terapia egiten. Gero Margitek Liljeström-i pazienteak pasatu zizkion, psikoterapia egin ziezaien. Liljeström-en pazienteen kopuru handi batek iraganean jasandako trauma eta abusuen oroitzapenak aurkitu behar zituen. Liljeström eta Lindholm-ek Margiti lagundu behar zioten Thomas Quick-i buruzko liburua idazten, baina Margit poliziaren lanaren zain zegoen: Sturek hildako pertsonen hondakinak aurkitu zain zegoen, hari buruzko liburua amaitzeko. Chistianson-ek, Stahlek eta Penttinen-ek gorpuzkinak aurkitzea lortzen bazuten, liburuaren proiektuak aurrera jarraituko zuen. Stureri egozten zitzaizkion lehen hiketen gorpuak aurkituak zeuden. Horregatik,1996an hasi ziren serioski Quick-ek hildako pertsonen gorpuzkinen bila. Stahle eta Sturek kontakizun bat asmatu zuten, Sturek gordetako gorpuzkinei buruz, eta anaia Simonen hilketaren mitoarekin lotu zuten: Simonen gorputz zatiak elkartu eta Simon berreraiki behar zen. Gorpuzkinen gordelekuei buruzko kontakizun mitologikoa ere landu zuten Sturek eta Stahlek: Sturek etxebizitza aldatzen zuenean, hilkakoen hondakinak ere aldatu egiten zituen, haietatik hurbil egoteko. Horrela, hainbat aldiz gorpuzkinak tokiz aldatu beharra gertatu zitzaion Stureri eta azken gordelekuan bildu zituen hilketa guztien hondakinak (Dan Josefsson, 2015). Bere paziente gehienak politiko erradikalak zirela esaten zion Margit-ek Erich Fromm-i 1970ean. Margiten arabera, haurtzaroko traumak ziren arazo mentalak eta kriminalitatea sortzen zituztenak. Hanna Olsson feminista Prostituzioko Komisioaren idazkaria zen eta Margitekin egin zuen psikoanalisia. Patricia Tudor-Sandahl psikologo, psikoterapeuta eta pedagogian doktorearen psikoterapia ere Margitek gainbegiratu zuen. Astean bitan elkartzen zen Margitekin eta urtetako psikoterapia egin zuen harekin. Margit saiatu zen Patriziak gogora zitzan aitak eragindako abusu sexualak. Izan ere, abusu sexualen oroitzapen erreprimituak berreskuratzeari buruzko Margiten obsesioa gero eta nabarmenagoa zen. Patriziari iruditzen zitzaion Margiten taldea oso mendekoa zela harekiko; taldeak miretsi egiten zuela Margit. Margiten mendetik irten zenean, hark taldearen ama balitz bezala jokatzen zuela eta beste guztiek haren haurrak balira bezala jokatzen zutela eta Margit emozionalki hotza zela esan zuen Patriziak (Dan Josefsson, 2015). 1980ko hamarkadaren amaieran Norell saiatu zen memoria berreskuratzeari buruzko lan bat argitaratzen, baina unibertsitateak ez zion onartu. Saiatu zen Contemporary Psychoanalysis aldizkarian artikulu bat argitaratzen, baina baztertu egin zioten han ere (Dan Josefsson, 2015). Bergwall-ek ez zuen haurtzaroko gauza handirik oroitzen, psikoterapia hasi aurretik; terapian agertu ziren haren lehen oroitzapenak. Norell-ek zionez, Bergwall-ek ezingo zituen jasan haurtzaroko oroitzapenak psikoterapeuten laguntzarik izan ez balu. Ospitale psikiatrikoan terapia egiten zuen bitartean eta drogen mendean zegoen artean, nortasun disoziatu batzuk ere agertu zituen Sturek eta nortasun horien arabera erlazionatzen zen terapeutarekin edo poliziarekin (Dan Josefsson, 2015). Persson-ek Säter utzi zuenean, hark lan egiten zuen ospitaletako batera eraman zuten Sture, baina agindu zioten Säter-era itzuli ahal izango zela, han gustura ez bazegoen. Stureri ez zitzaion gustatu ospitale hura, han ez baitzioten benzodaizepinik ematen; abstinentzia sintomak sentitzen hasi zen eta Säter-era itzultzea eskatu zuen. Itzultzean, besoak zabalduta hartu zuten. Zegokion benzodiazepina dosia eman zioten eta Birgitta Stahle izendatu zuten haren terapeuta; Margitek gainbegiratuko zuen terapia. Lotura estua izan zuten Margitek eta Stahle-k. Stahle-ren esanetara lan egin zuten bi psikologoek: Magnus Brolin eta Lena Arvidsson-ek. Brolin-en terapeuta Hanna Olsson zen eta gainbegiratzaile, Cajsa Lindholm. Biak ziren Margiten jarraitzaile (Råstam, 2013; Josefsson, 2015). Cajsa Lindholm-ek psikologia ikasi eta talde terapian entrenatu zen 1975erako eta Margiti eskatu zion haren paziente izan ote zitekeen. Margitek paziente asko zituen eta esan zion hiru urteko txanda zeukala aurretik. 1979an hasi zen Margitekin psikoterapia egiten: Margit zen terapeuta eta gainbegiratzaile. Cajsak Margiten eskutik egin zuen bere ibilbide profesionala; harengandik ikasi zuen haurtzaroko oroitzapen traumatiko erreprimituen eta iraganerako erregresioaren teoria. Ametsen interpretazioan oinarritzen zuen bere terapia lana (Josefsson, 2015). Lena Arvidsson 1991n hasi zen erizain laguntzaile moduan Säter-en lan egiten. 1993an eta 1994an Säter-en terapeuta moduan lan egin zuen udako hilabeteetan. Birgitta Stahle Margitekin gainbegiratze saioa egitera joaten zenean, Lena arduratzen zen Sture-ren terapiaz. Sture terapian egon zen denboran Säter-en egon zen Lena. Jeffrey Masson-en The Assault of Truth zen Lenaren liburu kutunetako bat; Freuden sedukzioaren teoriari buruzko liburua zen. Lena Arvidson-ek Cajsa-rekin egin zuen terapia eta urteak behar izan zituen aitak eragin zizkion abusuen kontzientzia edo memoria berreskuratzeko; Cajsaren laguntzaz haurtzaroko gertaerak bistaratu eta berriro oroimenera ekarri zituen, ametsen interpretazioetan, bistaratzeetan, erregresioetan eta terapeutarekin izandako elkarrizketetan oinarrituta. 2012an, Cajsarekin terapia hasi zuenetik 30 urte pasatuak zirenean, Lenak astero izaten zituen oraindik harekin gainbegiratze saioak. Margitek bakardadeari beldur handia zion eta babes osoa emango zioten lagunen beharra zuen. 2005eko urtarrilaren 28an hil zen. Haren hiletan ziren bere lagun kutunak: Sven A Christianson, Gillan Liljeström, Birgitta Stahle, Lena Arvidsson, Stina, Cajsa Lindholm. Christianson-ek 1984an lortu zuen doktoregoa Umeå Unibertsitatean eta Estatu Batuetara joan zen memoria faltsuen espezialista zen Elizabeth Loftusekin lankidetzan aritzeko. Suediara itzultzean, Umeåko Unibertsitateko irakasle bihurtu zen. Terapian berreskuratutako oroitzapenen aurrean jarrera kritikoa hartu ordez, oroitzapen erreprimituk berreskuratzeko poliziaren laguntzaile bihurtu zen eta Säter-era maiz joaten zen. Serieko hiltzaile baten gogamenari buruzko liburu bat idazteko ituna sinatu zuen Norstests argitaletxearekin. Stureren kasua aztertzeko P. Fisher eta R. E. Geiselman-ek asmatutako elkarrizketa kognitiboa erabiltzea iradoki zion poliziari Christiansonek. Ez zuen kontuan eduki metodo hori ez zela egokia egia esan nahi ez zutenentzat. Gainera, elkarrizketa kognitiboan ez ziren erabili behar galdera gidatzaileak, baina Penttinen-ek galdera gidatzaileak egiten zituen. Sturek erantzun ofizial zuzena ematen zuenean, beste galderarik ez zion egiten; erantzun okerra ematen zuenean, beste modu batera galdetzen zion, harik eta erantzun ofizialera hurbiltzen zen arte. Hasierako erantzun okerrak ez zituen kontuan hartzen, gero erantzun zuzenak ematen bazituen (Josefsson, 2015). 1998ko ekainean Astrid Holgersson psikologoak Sven Ake Christianson akusatu zuen, sugestioa eta metodo manipulatzaileak erabili zituelako Quick aitorpen horiek egitera bideratzeko. Christianson-ek esan zuen ez zegoela aztarnarik aitorpen faltsu baten aurrean zeudela esateko. Holgersson-ek Quick Taldeaz hitz egin zuen. Talde horrek eraiki zuen Quick serieko hiltzaile moduan. Taldearen partaideak hauek ziren: Sven Ake Christianson, memorian aditua; Christer van der Kwast fiskala; Seppo Penttinen ikertzailea; Birgitta Stahle, Göran Fransson eta Kjell Langbert terapeutak; Claes Borgström abokatu defendatzailea. Ikerketa, terapeuta eta polizia taldeak lagundu egiten zion Stureri hilketaren eszena eraikitzen (Josefsson, 2015). Kazetariei sinestezinak eta ulertezinak gertatzen zitzaizkien Stureri egotzitako delituak, baina, Christianson-ek honela interpretatzen zituen: Quick lau urte bete aurretik bortxatua izan zen. Eraman ezinezko beldurra eragin zion horrek eta beldur hori beste norbaitengana transferitu behar zuen. Bizitza bat birrinduz, beste bizitza bat birsor zezakeen. Hala ere, heriotza bakoitzak sortzen zion sentipenak gutxi irauten zion eta hilketa errepikatu beharra zuen. Hilketak kontakizun batzuk ziren, gertaera traumatikoak islatzen zituztenak; iraganeko gertaerak adierazteko hizkuntza bihurtzen zen hilketa. Helduaroko ekintzak izugarriak izan baziren, haiekin erlazionatutako haurtzaroko gertaerek ere izugarriak izan behar zuten. Hiltzailearen ekintzak biziraupenerako estrategiak dira. Chistianson-ek sarritan hitz egin zuen Quick-ekin Säter-en. Serieko hiltzaile baten gogamenari buruzko liburu bat idazten ari zen. Quick-i Xanax (alprazolam) sendagaiaren dosi ugari emateko aholkatzen zuen, hilketen oroitzapena berreskuratzeak barne-herstura handia sortzen baitzuen. Sendagaiari esker denboran atzeranzko erregresioa egin zezakeen. Droga horien eraginez berreskuratu zituen honako gertaera hauek: lau urte zituela, eraso sexual oral eta analak jaso zituela aitarengandik; eraso horietako baten lekuko izan zela ama; ama haurdun zegoela, zazpi hilabeteko, eta horrek abortua probokatu ziola; amak abortuaren errua Stureri botatzen ziola. Simon izena jarri behar zioten haur horri, baina, memoria berreskuratzean, Sturek Nomis (Simon alderantziz) izena oroitu zuen, Nomis-ek errazago ihes egiten baitzion zentsurari Simonek baino; errazagoa zitzaion izen alderantzikatuaz oroitzea, benetakoaz oroitzea baino. Sturek oroitzen zuenez, aitak hartaz abusatzen jarraitu zuen, hura nerabezarora heldu bitartean. Esaten zuen 13 urterekin aita erail nahi izan zuela, baina adorerik ez zuela izan. Horrela, Sturek bere aitaren perbertsio sexualak bereganatu zituen eta 14 urterekin bere adineko mutil bat erail zuen Växjö-n. Hilketa horretan eta besteetan Quick aldi berean erasotzaile eta erasotua izan zen. Txikitan izandako erasoak berreraikitzen zituen hilketen bidez. Kazetek Stureren aitorpenen berri eman zutenean, haren anaiek ukatu egin zuten beren aitak abusu sexualik egin zuenik; asmakizun hutsak zirela esan zuten, baina epaiketetan ez zitzaien inolako jaramonik egin. Handik urte askotara, epaiketak berrikusten hasi zirenean egin zitzaien kasu (Josefsson, 2015; Råstam, 2013). Stureren anai-arrebek haren asmakeriak entzun eta gero, harekiko loturak apurtu egin zituzten. Anaia zaharrenak, Sten-Ove-k, anaiari buruzko liburu bat idatzi zuen: Nire anaia Thomas Quick. Sturek esandakoak gezurtatu zituen, oroitzapen faltsuak zirela esanez. Örjan Bergwall-ek esan zuen haurtzaro segurua izan zutela beren etxean. Aita autoritario xamarra zela, baina aldarte onekoa eta umore zentzua zuena. Etxean ez zutela izan haserrealdi handirik. Ama egonkorra eta mendekoa zela eta familiaren etorkizunaz bakarrik arduratu zela. Sturek egindako ekintza okerren berri bazuen (Falun-go ospitaleko erasoa) eta Säter eta Sidsjön-eko ospitaletan hura bisitatu izana gogoratzen zuen (Råstam, 2013). Oroitzapen mingarriak ezabatzearen teoria Sven Ake Christianson-ena zen. Hiltzaileari kostatu egiten zaio oroitzapen mingarriak berreskuratzea; izan ere, mingarria da zoritxarreko gertaerak oroitzen egotea. Teoria horren arabera, Thomas Quick-ek bere bizitzako gertaera mingarriak ezabatu egiten zituen eta hilketak oso lausoki bakarrik oroitzen zituen. Oroitzapen erreprimituak berreskuratzeko ahalegina egin zuen terapian eta txikitan jasandako abusu sexualak kontatu zituen. Christianson-en onartzen zuen aitorpen faltsuak egin ditzakeela pazienteak errealitatea eta fantasia bereizten ez dituenean, komunikabideen arretaren bila dabilenean edo erruduntasuna sentitzen duenean, baina esaten zuen ez zela hori Quick-en kasua. Auzitegiari ez zitzaion beste biderik geratzen, aditutzat zeukan Christiansonen iritzia partekatzea baino. Christianson-en iritziak eragin handia izan zuen, adibidez, Zelmanovits-en epaiketako auzitegiaren erabakian. 1997ko martxoak argitaratu zuen Oxford University Press-ek entsegu bilduma bat: Recovered Memories and False Memories. Bilduma horretan Sven-Ake Christianson eta Elisabeth Engelberg (1997) zioten hiltzaileak bere hilketen memoria erreprimi zezakeela, Zelmanovits-en epaiketan egiaztatu zen moduan. Christianson eta Engelberg-en argitalpen horren atzean Säter-ko ereduaren eta Margit Norell-en ideiak zeuden. Prozedura tautologikoa erabili zuten: Zelmanovits-en epaiketa zientzian oinarritua zegoen, baina zientzia epaiketa hartan oinarritzen zen (Josefsson, 2015). Christiansonek 2010ean Inside the mind of a Serial Killer argitaratu zuen; psikologo horrek eragin handia izan zuen Sture kondenatu zuten epaiketetan. 1994an van der Kwast jarri zen Christianson-ekin harremanean, Stureren kasuan aholkulari izan zedin. Garai horretan arazo pertsonal asko zituen Christianson-ek eta Birgitta Stahle-n bidez Margit Norell-ekin harremanean jarri zen. Hamar urte baino gehiagoko terapia egin zuen Margitekin, astero saio bat eginez. Lotura sentimental handia sortu zen Christiansonen eta Margiten artean; oso seguru sentitzen zen Margiten babesean eta amaren rola eman zion hari; baina, bien arteko harremana terapiatik harantzago ere hedatu zen eta Margiten teoriei sostengu teorikoa eman zien Christiansonek. Christiansonek asko miresten zituen Margiten sormena, informazioa sintetizatzeko gaitasuna, haren pentsamendu egituratua eta pazienteak ezagutzeko zuen gaitasuna. Margitek eragin handia zuen Sture Bergwall-en terapeutengan eta Christiansonengan, eta horien bidez, Bergwall-en terapian eta aitorpenetan eragin erabakigarria eduki zuen. Christianson-ek berrehun bat ordu pasatu zituen Sturerekin elkarrizketan, 1994tik 2002ra bitartean. Hark zioenez, memoria erreprimituei buruz ideia ezberdinak zituzten berak eta Margitek, zaila iruditzen baitzitzaion pertsona batek 3-4 urte zituen garaiko oroitzapen garbiak edukitzea; baina, hilketa narrazio moduan deskribatzen zuen Margiten teoriak oinarri zientifikoa zuela defendatu zuen Christianson-ek epaiketa garaian (Josefsson, 2015). 6. Memoria erreprimituaren teoria Loftus eta Ketcham-en arabera (1994), terapeutak bultza dezake pazientea bat-batean sortzen zaizkion oroitzapenak onartzera eta memoria faltsuak txerta ditzake pazientearen buruan. Freuden sedukzioaren teoriaren arabera, abusu sexualen oroitzapena erreprimitzeak sor ditzake nahaste mentalak, baina, laster, teoria hori albora utzi eta bulkaden teoria asmatu zuen jendeak ez zituen gertaera errealen oroitzapenak erreprimitzen; onartezinak ziren bulkaden desirak erreprimitzen zituen. Margit Norell-en teoriak Freud, Fromm-Reichmann, Erich Fromm, Alice Miller eta harreman objektalen teorikoengan oinarrituak zeuden. Hiltzaileen ekintzak haiek txikitan jasandako traumen birsortzeak ziren. Eskizofrenikoen portaerak ere haien txikitako traumen kontakizun inkontzienteak ziren. Stahle-rekin egiten zuen terapian haurtzarora itzultzen zen Sture eta egin zituen hilketak haurtzaroko traumen berreraikuntza moduan interpretatzen zituen terapeutak. Gurasoek egindako erasoak berreraikitzeko mutikoak bahitu eta erailtzen zituen. Iraganeko traumak berreraikitzeko, sarritan nortasuna aldatzen zuen eta aitaren irudiaren oinordeko zen Ellingtonen identitatea hartzen zuen (Råstam, 2013). Margit Norell-ek pentsatzen zuen arazoak zituzten pazienteek haurtzaroan abusu sexualak jasan zituztela, baina haien oroitzapena erreprimitu egin zutela. Iraganeko esperientziak erreprimitu egiten zituzten eta ezin zituzten oroitu. Esperientzia traumatikoen oroitzapena erreprimitu edo disoziatu egiten zuten. Traumak birsortzeari utziko zioten erreprimituriko oroitzapenak berreskuratzean. Gertaera traumatiko horiek kontzientziara ekartzeko hipnosia, bistaratzea eta antzeko teknikak erabili behar ziren (Josefsson, 2015). Sturek guztiz bat egin zuen gertaera traumatikoen memoria erreprimituaren teoriarekin eta bizimodu oso erosoa zeraman Säter-en: gela handia, irteeretarako baimenak, benzodiazepinen dosi handiak, terapeuten tratamendu goxoa, bere kasuaz idazteko aukera. Gertaera traumatikoen memoria erreprimitu egiten dela dioen teoriaren aurkako emaitzak lortu zituzten Willem Wagenaar eta Jop Groeneweg ikerleek 1990ean. Gertaera traumatikoen oroitzapenak beste gertaerenak baino biziagoak zirela ikusi zuten. Elizabeth Loftus-ek 1993an egiaztatu zuen memoria faltsuak sor litezkeela. Horrela, Nick Spanos-ek eta kideek (Spanos, Menary, Gabora, Dubreuil eta Dewhirst, 1991) sexu-abusuen memoria faltsuak sortzen zituen hipnosiaren bidez. Loftusek The Myth of Repressed Memory (1994) liburuan esaten zuen terapeutak eraman zezakeela pazientea oroitzapen faltsuak errealtzat hartzera (Josefsson, 2015). Stahle-k Stureren terapia bere gain hartu zuen eta Kwast eta Penttinen-ekin harreman estuan jarraitu zuen. Kwast eta Penttinen-ek ez zuten profesional onen modura jokatu Bergwall-en kasuan. Asplundarrek kexua jarri zuten Kwast eta Penttinen-en kontra, baina Göran Lamberz Justiziako Kantzilerrak esan zuen Kwastek eta Penttinenek lan ona egin zutela; Quick-i egozten zitzaizkion 8 hilketek bereizgarri bertsuak zituztela eta hiltzaile berberak eginak zirela; baina, hori ez zen horrela. Ezer garbi bazegoen, hilketen objektuen eta moduen heterogeneitatea zen: neskak eta mutilak; haurrak eta helduak; eraso sexualarekin eta eraso sexualik gabe; gorputz batzuk zatikatuta, beste batzuk ez; batzuk estrangulatuta, besteak kolpatuta, besteak zulatuta (Josefsson, 2015). 7. Sture Bergwall-ek bere nortasuna berreskuratzen du 30 hilketa baino gehiago aitortu zituen Sture-k eta sei epaimahaiek zortzi hilketa egiteagatik kondenatu zuten. 2001ean jaso zuen Bergwall-ek azken epaia eta geroztik ez zuen deklaraziorik egin; poliziarekin kolaboratzeari ere utzi egin zion. 2001etik 2008ra bitartean jende askok ontzat ematen zituen Bergwallek jasotako kondenak; aldiz, batzuek pentsatzen zuten Bergwall mitomano bat zela. 2008an Thomasekin harremanean jarri zen Råstam kazetaria gutun bidez eta elkarrekin bilera bat egitea proposatu zion. Thomasek onartu egin zuen eta Råstam esku utzi zituen esku artean zituen agiriak: gutunak, azterketa mediku forentseak, sendagaien erregistroak, hilketen berreraikitzeen bideoak, egunkariak, poliziaren galdeketen transkribapenak, hilketaren eszenaren deskribapenak. Råstam Säter-ko ospitale psikiatrikora joan zen Bergwall bisitatzera. Thomas Quick izena alboratu zuen eta lehengo izena erabiltzen hasi zen berriro ere. (Råstam, 2013). Råstam-ek bi dokumental egin zituen Suediako telebistan: aitorpen faltsuei buruzkoa eta psikoterapia saioetan sortutako memoria faltsuei buruzkoa. Thomas Quicki buruzko dokumentazio guztia aztertu zuen; gau eta egun egin zuen lana material guztia aztertzeko. Erregistro eta bideo horien bidez jakin zuen zenbateraino drogatua egon zen Quick klinikan eta hilketen berreraikitze saioetan. Azterketa horren ondoren esan zuen ez zegoela inolako ebidentziarik Bergwall-en kontra, hark egindako aitorpenetatik haratago. Dokumental horietan Bergwall erretraktatu egin zen eta atzera egin zuen bere aitorpenetan. Esan zuen liburutegitik hartu zuela hilketei buruzko informazioa eta aitorpen horiek drogen eraginaren pean eta jendearen arreta erakarri nahirik egin zituela. Bergwall-en aitorpenak sinetsi ez zituztenen artean zegoen kriminologiako irakasle ezaguna zen Persson; haren iritziz, gezurti konpultsiboa zen Quick. Dan Larsson eta Jan Guillou kazetariek ere Quick gezurti bat zela esan zuten. Hainbat legegizon eta psikologiako adituk ere zalantzan jartzen zituzten Quick-ek aitortutakoak. Dagens Nineter egunkarian Sture Bergwall-i egindako elkarrizketan heroitzat hartzen zuten hura; haurtzaroko gertaera traumatikoen ondorio moduan interpretatzen zituzten Stureren hilketak; baina, egunkari berak argitaratu zuen Anita Cederström psikologoari egindako elkarrizketa bat eta han ukatu egiten zen oroitzapen erreprimituak helduaroan bat-batean berrager zitezkeenik (Josefsson, 2015). Nerabezaroaz geroztik disolbagarriekiko mendekotasuna zuen Sturek eta hilketen aitorpenak benzodiazepinen eraginaren pean egin zituen, sendagaietarako sarrera nahiko librea baitzuen. Zenbat eta sendagai gehiago eman, orduan eta aitorpen gehiago egiten zituen. Sendagaiak aldatu zizkiotenean, aitorpenak egiteari utzi zion. Kasu guztiak antzera eraiki zituzten: testigurik gabe, aztarnarik gabe, DNA frogarik gabe eta drogen eraginaren pean. Råstam-en espetxe psikiatrikoan Bergwall bisitatu zuenean, hark onartu zuen aurretik egindako aitorpen guztiak faltsuak zirela. Benzodiazepinek eginkizun garrantzitsua jokatu zuten Thomasen aitorpenak lortzerakoan; izan ere, triazolam, alprazolam eta diazepam sendagaiek (Sture hartzen zituenek) eldarnioak, depresioa, barne-herstura, insomnioa, nahasmena eta portaera suizida eragin zitzaketen, albo efektu moduan. Säter-eko ereduaren barnean, terapia bidez memoria berreskuratzeak sortzen zituen sintoma horiek. Horrela, Göran Källberg psikiatrak benzodiazepinen dosi altuak kendu zizkionean, Thomasen aitorpenak aldatu egin ziren. Margite Norell-en taldearengandik eta hark ezarri nahi zuen eredutik oso gertu egona zen Källberg; berak eratu zuen Stureri terapia aplikatuko zion Säter-ko unitate modernoa; baina, 1994an Säterko ospitaleko zuzendari mediku izateari utzi eta Hedemorako klinika psikiatriko batera joan zen. Ordura arte Margitekin terapia egin zuen eta asko hurbildu zen harengana. Källberg Säter-en ordezkatu zuena Erich Kall izan zen, baina 2001ean Kall bere postutik kendu eta Källberg-i eskatu zioten zuzendari mediku moduan itzultzeko. Göran Källberg poliki-poliki aldendu egin zen Margitengandik, jarrera kritikoa hartu zuen Kwasti buruz eta iraganean izan zituen portaera batzuei buruzko autokritika egin zuen. Hala ere, ez zuen parte hartu nahi izan Säter-ko eredu terapeutikoaren kontra (Råstam, 2013). Källberg-en emazteak ere Säter-en lan egiten zuen eta Stureri sendagai gehiegi ematen ziotela pentsatzen zutenetakoa zen. Källberg-ek berehala ikusi zuen sendagai gehiegi eta gaizki konbinatuak ematen zizkiotela, eta desintoxikazio programa baten barruan sartu zuen Sture; izan ere, susmoak zituen Quick-en aitorpen bitxiek zerikusirik izan zezaketela hark benzodiazepinei zien atxikimenduarekin. Desintoxikazioa lortu zuenean, berriro ere Sture Bergwall izena erabiltzen hasi zen (Josefsson, 2015). 2001eko abuztuan Sturek esan zuen ez zuela hilketen ikerketan parte hartuko sendagaiak kentzen bazizkioten, baina hala ere kendu egin zizkioten. 2002an hasi zen Sture bere gorputza berriro sentitzen. Sendagaiak uztearekin batera desagertu egin ziren haren nahaste mentalak: sintoma psikotikoak, nortasun anizkoitzak; desagertu egin zen harengan Simonen ilusioa: Simon berriro bizitzara ekarriko zuela, jendea hilez. Stahle-rekin terapia egiteari utzi zion, baina Stahlek Margitekin harremanean jarraitu zuen, nahiz eta hark Stureren terapia gainbegiratu beharrik ez zuen (Josefsson, 2015). Dan Josefsson-ek, Bergwall-ek eta Hannes-ek elkarren berri bazuten. Bergwall-ek Hannes-ekin hitz egin izan zuen Josefsson-i buruz. Josefsson osasun mentalaren arloan lan egina zen, kazetaritza ikasi aurretik eta Bergwall-ekin harremanean jarri aurretik (Josefsson, 2015; Råstam, 2013). 8. Hilketak berraztertzen Thomas Quick-i hilketa horiengatik egin zitzaion lehen epaiketaren garaian kazetariek esan zuten Bergwall serieko hiltzaile sadiko, kanibal eta pedofilo bat zela eta oso gaixorik zegoela. Jaso zituen epaietako bakar bat ere ez zuen apelatu Bergwall-ek; kasuaren instrukzioan egon zitezkeen ahultasunak eta kontsistentzia gabeziak ez ziren berraztertu. Kondenen ondoren Bergwall-ek utzi egin zion krimen horietaz hitz egiteari. 2008ko abenduan Thomas Olsson-ek hartu zuen Quick-en defentsa. Thomas Olsson-ek Anna Daderman psikiatria forentseko ikertzaileari eskatu zion azter zezala Stureren osasun historia. Daderman-ek esan zuen Bergwall-ek substantzia adiktibo ugari eduki zituela bere eskuerara eta memoria berreskuratzeko terapia jaso zuela. Memoria berreskuratzeko terapia horiek sugestioan oinarritzen ziren eta hainbat kasutan memoria faltsuak sortzera eramaten zituzten pazienteak, hots, memoria faltsuak inplantatzen zituzten pazienteengan. Oroitzapenen inplantatzearen akusazioaren aurrean, defentsiban jarria zegoen Quick-en taldea. Stahle-k behin eta berriro esan zuen berak ez zuela erabili memoria berreskuratzeko terapiarik eta Säter-ko zuzendari medikuak (Susanne Nyberg-ek) ere gauza bera esaten zuen, baina Dadermanek ikusi zuen memoria berreskuratzeko terapia eta sendagaiak konbinatu zituztela Sture aitorpen horietara eramateko. Benzodiazepinak erabili zituzten Sture tratatzeko: alprazola, funitrazepama, diazepama (Josefsson, 2015). Stahlek esan zuen terapiako idatzi guztiak ezabatu zituela 2002an, Sturek tratamendua eten zuenean. 2009an Råstam-ek egindako bisita horietako batean Bergwall-ek esan zion berak ez zuela hilketa horietako bat bera ere egin. Hilketak berraztertu ziren eta ikusi zen Kwast prokuradoreak eta Penttinen poliziak hilketen txostenak apaindu egin zituztela, ziren baino koherenteagoak ager zitezen. 2010etik 2013ra bitartean zortzi hilketetatik aske geratu zen. Sven-Erik Alhem legeetan adituaren arabera, Justiziaren azken aldiko hanka sartzerik handiena izan zen Thomas Quick-en kasua. Thomas Quick is Dead liburua argitaratu zuen Sture-k, bere anaiarekin batera, 2011 urtean. Hori guztia gertatuta gero ere, eta nahiz eta Kwast-en kontrako ebidentziarik egon ez, Kwast-ek esaten zuen epaiak zuzenak izan zirela kasu guztietan. Borgström abokatuak ere ez zuen atzera egin eta terapeutek ere lehengo iritziarekin jarraitu zuten. Kwast fiskalaren eta Penttinen poliziaren arrakasta profesionalaren oinarrian Stureren kasua zegoen (Josefsson, 2015). 2013an Suediako Gobernuak ikertzaile bat izendatu zuen kasu horretan zerk huts egin zuen aztertzeko; Säterko ospitale psikiatrikoan egon zen artean lege aldetik eta osasun aldetik zer tratamendu izan zuen jakiteko. 2014ko martxoaren 19an, 64 urterekin, askatu zuten Bergwall Säter-dik, 23 urte han egin eta gero. Nahaste psikologikoarekin jarraitzen zuen arren, zainketa psikiatriko forentsea erregimen irekian egingo ziotela esan zuten 9. Lekukoen testigantzaren fidagarritasuna Hilketetan pertsona batek duen erantzukizuna ebaluatzean, ebidentzia enpirikoak eta lekukoen testigantzak osagai garrantzitsuak dira. Froga indartsuak bildu behar dira norbait hiltzailetzat hartzeko. Pertsona baten kontrako froga sendoak ditugunean, ebidentzia sendoak ditugunean, informazio berriak ez dio ezer eransten erruduntasunaren ebaluazioari edo pertsona bat hiltzailetzat jotzeko probabilitateari. Horregatik, froga bat sendoa den jakiteko, ebaluatu behar duguna honako hau da: informazio gehiago lortzeak aldatuko ote lukeen pertsona bat kondenatzeko probabilitatea. Hilketa batez norbait kondenatu behar denean, hilketa-ekintza egin izanaren probabilitatea ehunetik ehunekora hurbildu beharko luke eta froga berriek ezin ahal izango lukete inolaz ere aldatu probabilitate hori. Pertsona bat ezin da kondenatu ebidentzia ahulekin. Lehen mailako froga eta bigarren mailakoak baditugu, lehen mailakoek ezarritako probabilitate altua ezin ahal izango lukete eraitsi bigarren mailakoek (Dahlman, Wahlberg eta Sarwar, 2015). Adituen testigantza ezinbestekoa da hilketa bat epaitzerakoan, baina adituak ez direnentzat zaila da adituek esandakoa ebaluatzea. Epaimahaiko kideek sarritan ez dute gaitasunik adituen arrazoibideak ulertzeko. Aditu batek kasu bat aztertzeko erabili duen metodologia buruz eta atera dituen ondorioei buruz jarrera kritikoa hartu behar dute epaimahaikoek. Thomasen kasuan, ez ziren egokiak izan adituen metodologia eta ondorioak, baina epaimahaikoek ez zuten haiekiko jarrera kritikorik hartu. Kasuaren ikerketa zehatza eragozten zuten hainbat aldagai ez zituzten kontrolatu. Ez zuten beste aditu batzuen txostenik eskatu. Adituen testigantza onartzeko irizpide batzuk eduki behar dituzte epailariek. Adituaren sinesgarritasuna aztertu behar dute; zenbaterainoko sinesgarritasuna duen bere lekukotza ematen duen arloan. Goldman-ek (2001) esaten du adituen alborapenak ekiditeko neurri hauek hartu behar direla: aditu baten iritzia zalantzan jartzen duen beste aditu baten iritzia; meta-adituek adituaren trebetasunez duten iritzia; adituen interes eta alborapenak. Alde batetik, aditu bat sinesgarria izango da gaitasun jakin batzuk baldin baditu eta kasuaren ikerketa objektiboa eragotziko duen motibaziorik ez baldin badu. Adituaren interes eta motibazioak aztertu egin behar dira. Adituak kasuarekin loturiko interes batzuk baldin baditu, interes horiek nahikoa izan litezke aditu izateari utzi behar izateko. Thomasen hilketen kasuan, adituek interes profesional asko zituzten, kasuaren ikerketa objektiboa kutsatzen zutenak. Beraz, sinesgarritasunarekin zerikusia duten adituaren bereizgarri pertsonalak aztertu behar dira. Beste aldetik, adituaren ezagutzak eta arrazoibidea aztertu behar dira eta hori ez da batere erraza, aditu ez den batentzat (Walton, 1997). Garrantzitsua da aditu baten azterketaren ondorioak beste adituek diotenarekin nola erlazionatzen diren aztertzea. Adituen testigantzak printzipio zientifikoetan oinarritu behar du. Garrantzitsua da, baita ere, adituaren arrazoibidearen barne indarra aztertzea: arrazoibideak duen kontsistentzia; dituen premisetatik zenbateraino eratortzen diren haren ondorioak. Adituak bere iritzia ematen duenean, iritzi horren azpiko suposatuak eta premisak ere agertu behar ditu. Azaldu behar du baita ere, komunitate zientifikoak zenbateraino sostengatzen dituen premisa eta suposatu horiek. 10. Talde-pentsamendua Talde txiki eta kohesionatu bateko kideek ikuspegi bateratu bat onartzen dute eta arrazionala ez den erabaki bat hartzen dute, beste taldekideekin ados etortzeko bulkadak eramanda. Taldeko kideek ados daudela sentitu behar dute; ados ez egoteak barne-herstura sortzen die eta hura ezin eramana gertatzen zaie. Horregatik, nahiz eta taldekide bakoitzak, banaka hartuta, beste iritzi bat eduki, zalantzak eta adostasun gabeziak gorde egiten dituzte. Taldeko harmonia eta adostasuna jartzen dituzte pentsamendu arrazionalaren aurretik. Adostasunaren ilusioak eta adostasun gabezia konpontzeko barne-hersturak edo presak eramanda, ondorio suntsigarriak dituzten erabakiak har ditzakete, erabaki horien ondorio moral eta etikoei jaramonik egin gabe. Irving Janisek (1972) talde pentsamenduaren bereizgarri hauek azpimarratu zituen: • Ahobatekotasun ilusioa: taldekide guztiak ados direla eta berdin sentitzen dutela uste dute. Ez dute informazio alternatiborik bilatzen. • Zalantzak planteatzen dituzten edo galderak egiten dituzten taldekideen gain presio zuzena eragiten dute, taldekide leial izateari utz ez diezaioten. • Ideia alternatiboen eta informazio negatiboaren aurrean babestuko dituzten hesiak eraikitzen dituzte, zentsura zaintzailearen bidez. • Barnean sortzen zaizkien beldurrak eta zalantzak gorde eta auto-zentsuratu egiten dituzte. • Talde hauetako kideak baikorrak dira eta arriskuak hartzeko prest egoten dira, zaurgarriak ez direla edo hutsezinak direla uste baitute. • Taldearen eta haren erabakien moralitatean zalantzarik gabe sinesten dute eta horrek eramaten ditu beren ekintzen ondorioak kontuan ez hartzera. • Taldeko erabakiak arrazionalizatzeko joera dute eta ez dituzte beren usteak birkontsideratzen; egoeraren adierazleak ez dituzte kontuan hartzen. • Taldez kanpoko aurkari garrantzitsuak estereotipatu eta etsai bihurtzen dituzte, haien ideiek kritikatu eta zalantzan jar baititzakete taldearen oinarriak. Quick-en kasua zeramaten fiskal, polizia, terapeuta, aditu eta erizainen pentsaera, jarrera eta portaeren lagin izan daitezkeen gertaerak agertu ditugu, baina setakeria horren adibidetzat har dezakegu beste hau ere: 1995eko azaroaren 7an Christian Holmén kazetariak Thomas Quick-i esan zion Sten-Ove anaiaren (anaia zaharrenaren) gutun ireki bat argitaratuko zutela Expressen kazetan; gutun hori Thomas Quick-i zuzendua zegoela. Gutun horretan Ste-Ovek esaten zuen Quick bere anaia zela eta egindakoak eginda ere, hura maitatzen jarraitzen zuela. Christian Holmén-ekin hitz egin zuen Quick-ek eta erabaki zuten Sten-Oven Säter-era joango zela anaia Sture bisitatzera. Bisitaren berri izan zutenean, erabat aztoratu ziren Birgitta Stahle, Kwast, Penttinen eta Borgström, eta Quick-i esan zioten bisita hori ez egiteko eskatu behar zuela, bere borondatez. Horrelakorik ez zen gertatu eta Erik Kall mediku buruak hartu zuen bisita debekatzeko erabakia. Quick-ek geroago Råstam-i esan zion, bisita hura jaso izan balu berak ezingo zukeela jarraitu bere gezurrei eusten (Råstam, 2013). 11. Ondorioak Sture Bergwall Suediako familia arrunt batean jaio zen eta nerabezaroaren hasieratik agertu zuen homosexualitaterako joera. Drogak kontsumitzen ere nerabezaroan hasi zen. Ikasteko gogorik ez zuen eta hainbat lanetan jardun zen. Gero eta drogen mendekotasun handiagoa zuenez, dirua lortzeko eraso larriagoak egin zituen eta 41 urterekin Säter-ko ospitalean sartu zuten. Ospitalean Margit Norell-en eredu terapeutikoa nagusitu zen eta eredu hori jarraitu zuen Thomas Quick-en inguru antolatu zen taldeak: Christianson, memorian adituak; Kwast fiskalak; Penttinen polizia ikertzaileak; Birgitta Stahle, Göran Fransson eta Kjell Langbert terapeutek; Claes Borgström abokatu defendatzaileak. Margit Norell-en iritziz, pertsona baten arazoak haren txikitako trauma erreprimituen ondorio ziren eta traumak berriro ez bizitzeko erreprimituriko oroitzapenak berreskuratu behar ziren. Margitek beti eduki zuen talderen bat bere inguruan, berak psikoanalizatu zituen pertsonez eta jarraitzaile sutsuez osatua. Taldeko kideekin lotura estua finkatzen saiatzen zen, Frieda Fromm-Reichmann-en eredu teorikoaren babesean. Margiten taldeko kideek mendekotasun emozional handia zuten harekiko eta mendekotasun hori baliatuta, bere teoria eta eredu terapeutikoa finkatu zituen. Taldekide askoren terapeuta eta haien terapia lanaren gainbegiratzaile izan zen Margit. Christianson Umeåko Unibertsitateko irakasle zen eta Elizabeth Loftusekin lankidetzan aritua zen, memoria faltsuei buruz. Terapian berreskuratutako oroitzapenen aurrean ez zuen jarrera kritikoa hartu eta oroitzapen erreprimituk berreskuratzeko poliziaren laguntzaile bihurtu zen. Margiten eredu terapeutikoaren zutabeetako bat izan zen. Stureren kasuan Fisher eta Geiselman-ek asmatutako elkarrizketa kognitiboa erabiltzea proposatu zuen. Baina, elkarrizketa kognitiboaren barnean galdera gidatzaileak txertatzen zituzten terapeutek eta poliziek eta modu horretara lortutako erantzunak eta aitorpenak ontzat ematen zituzten, inolako ebidentzia enpirikorik ez bazuten ere. Sturek egindako aitorpenak sinestezinak iruditzen zitzaizkien hura ezagutzen zutenei eta kazetariei, baina Christianson-ek galbahe teoriko berezia zeukan aitorpen horiek interpretatzeko: txikitan jasan zituen erasoek beldur izugarria sortu zioten Stureri eta beldur hori beste norbaitengana transferitu beharra zuenez, bere biktimengana transferitu zuen: bizitza bat birrinduz, bere bizitza berreraikitzen zuen. Heriotza bakoitzak sortzen zion sentipenak gutxi irauten zuenez, hilketa errepikatu beharra zeukan. Horrela heldu zen Suediako serieko hiltzaile handiena izatera. Hilketak kontakizun moduan interpretatzen zituen: hilketek iraganeko gertaera traumatikoak islatzen zituzten; hiketen bidez, gertaera haiek adierazten ziren. Hiltzaileak egiten zituen ekintzak bere biziraupenerako estrategiak ziren. Garai horretan arazo pertsonal asko zituen Christianson irakasleak eta Margit Norell-ekin harremanean jarri zen. Hamar urte baino gehiagoko terapia egin zuen Margitekin eta lotura sentimental handia sortu zen bien artean; oso seguru sentitzen zen Margiten babesean eta amaren rola eman zion hari; baina, bien arteko harremana terapiatik harantzago hedatu zen eta Margiten teoriei sostengu teorikoa eman zien Christiansonek. Kwast izan zen Quick-en kasuak instruitu zituen fiskala. Izugarrizko boterea eskuratu zuen Kwastek. Bera izan zen Stureren kasuetan aholkulari izateko Christianson aukeratu zuena eta eragin handia izen zuen Quick kondenatu zuten epailariengan. Christiansonek 2010ean Quick-i buruzko liburu bat argitaratu zuen. Izan ziren Bergwall-en aitorpenak sinetsi ez zituzten eta oroitzapen erreprimituiei buruzko Margiten teoriak ontzat hartu ez zituzten irakasle, kazetari, legegizon eta psikologoak ere. Sturek egindako aitorpenak eta hark kontsumitutako drogak erlazionatzen zituzten psikiatra, kazetari eta profesionalak ere baziren. Konturatu ziren Sturek aitorpenak egiteari utzi ziola, drogen kontsumoa mugatu ziotenetik. Ikusi zuten Quick-en hilketa kasu guztiak antzera eraiki zituztela: testigurik gabe, aztarnarik gabe, DNA frogarik gabe eta drogen eraginaren pean. Sture Bergwall-en terapeuta eta zaintzaile batzuk Margiten esanera jardun ziren urte batzuetan, baina gero aldendu egin ziren harengandik eta autokritika egitera ere heldu ziren, Göran Källberg-en kasuan gertatu zen bezala. Källberg-ek ikusi zuen sendagai gehiegi eta gaizki konbinatuak ematen zizkiotela Stureri, eta desintoxikazio programa baten barruan sartu zuen. Quick-en kasuak aztertu zituzten epailariek ez zuten aztertu adituen sinesgarritasunaren alderdia. Ez zuten neurririk hartu lekukotza eman behar zuten adituen alborapenak ekiditeko. Ez zituzten eskatu eta ez zituzten kontuan hartu aditu baten iritzia zalantzan jartzen zuten beste adituen iritziak. Ez zituzten kontuan hartu sinesgarritasunarekin zerikusia zuten adituen bereizgarri, interes eta alborapenak. Talde pentsamenduaren kasu paradigmatikotzat har liteke Thomas Quick serieko hiltzaile moduan eraiki zuen kasua. Quick tadea txikia eta kohesionatua zen. Adostasunik ezak barne-herstura sortzen zien taldekideei; beraz, zalantzak eta adostasun gabeziak gorde egiten zituzten. Ideia alternatiboen eta informazio negatiboaren aurrean hesi babesleak eraikitzen zituzten. Barneko beldurrak eta zalantzak gorde eta auto-zentsuratu egin zituzten. Taldeko harmonia jartzen zuten pentsamendu arrazionalaren aurretik. Arrazionalak ez ziren erabakiak hartzen zituzten, taldeko kohesioak sortutako euforiak eta hutsezintasun sentimenduak eramanda. Adostasunaren ilusioak eta adostasun gabezia konpontzeko barne-hersturak edo presak eramanda, ondorio kaltegarriak zituzten erabakiak hartu zituzten. Talde pentsamenduak bultzatuta erabaki zuten Sture Bergwall zortzi hilketaren arduradun zela. Talde itxiaren babesetik irten zirenean, Quick taldeko kide izandako batzuek beren pentsamendurako askatasuna lortu zuten eta aldendu egin ziren Margiten eredutik. Thomas Quick-en kasua serieko hiltzaile baten eraikuntza kasua izan zen. Eraikitze horretan zerikusi handia izan zuten Sture Bergwall-en inguruan lan egin zuten polizia, terapeuta, psikologo, psikiatra, fiskal, epailari eta aholkulariek. Eraikuntza prozesu horren ondorioz 1990eko hamarkadan 32 hilketa bere gain hartu zituen Thomas Quick-ek eta zortzi hilketen egile moduan kondenatu zuten. Drogen eraginaren mendetik irten zenean, Råstam kazetariaren eta beste profesional batzuen laguntzari esker, Bergwall-ek ukatu egin zuen hilketa horiek egin izana. Haren kontrako inolako ebidentziarik eta testigantzarik ez zegoenez, 2014ko martxoaren 19an, 64 urte zituela, aske utzi zuten Bergwall, 23 urte Säter-en eman eta gero. Liburuaren egileak Mikel Haranburu Oiharbide Filosofia eta Hezkuntza zientzietan Doktore eta EHUko Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako Institutuko (ILCLI) kide da. EHUko Psikologia Fakultateko irakasle izana da eta hainbat liburu eta artikulu argitaratuak ditu nortasunaz, osasunaz, piskopatologiaz, komunikazioaz eta bestez. Nekane Balluerka Lasa Psikologian Doktorea eta EHUko Portaera Zientzien Metodologia alorrean Irakasle Katedraduna da. Hainbat liburu eta artikulu argitaratuak ditu ikerketa diseinuez eta datu analisiaz, aldagai psikologikoak ebaluatzeko tresnen eraikuntzaz eta egokitzapenaz, esku-hartze programen diseinu, garapen eta ebaluazioaz eta bestez. Arantxa Gorostiaga Manterola Psikologian Doktorea eta EHUko Portaera Zientzien Metodologia alorrean Irakasle Titularra da. Hainbat liburu eta artikulu argitaratuak ditu aldagai psikologikoak ebaluatzeko tresnen eraikuntzaz eta egokitzapenaz, esku-hartze programen diseinu, garapen eta ebaluazioaz eta bestez. Liburuaren gaia Liburuxka honek bi galdera hauei erantzun nahi die: - Zerk eraman zuen Sture Bergwall hogeita hamar hilketa baino gehiagoren egile zela aitortzera? - Zerk eraman zituen Suediako hainbat psikologo, psikiatra, terapeuta, polizia, fiskal, ikerlari eta epailari Sture Bergwall-ek zortzi pertsona erail zituela erabakitzera, haren kontrako inolako ebidentzia enpirikorik eta testigantzarik gabe? Erreferentzia bibliografikoak • Christianson, Sven-Åke eta Engelberg Elisabeth (1997). In M. A. Conway. Recovered Memories and False Memories. Remembering and forgetting traumatic experiences: A matter of survival. Publisher: Oxford, U.K.: Oxford University Press. • Dahlman, Christian, Lena, Wahlberg eta Farhan, Sarwar. (2015). Robust Trust in Expert Testimony. Humana.Mente, 28, 17-37. https://www.researchgate.net/publication/277667886_Robust_Trust_in_Expert_Testimony • Goldman, A. I. (2001). Experts: Which Ones Should You Trust? Philosophy and Phenomenological Research. 63 (1), 85-110. • Hill, Brian (Dir. ), Bailiff, Katie (Prod. ), Lavender, Sam and Miralis, Anna (Exec. Prod. ), Chapman, Roger (Cinemat. ), Arnold, Mags (Ed.). (2015). The Confessions of Thomas Quick. Documentary Film. • Janis, I. L. (1972). Victims of Groupthink. Boston: Houghton Mifflin. • Josefsson, Dan. (2015). The Strange Case of Thomas Quick. London: Portobello Books. • Loftus, E.F. eta Ketcham, K. (1994). The Myth of Repressed Memory. New York: St. Martin's Press. • Råstam, Hannes (2013). Thomas Quick. The Making of a Serial Killer. Edinburgh: Canongate Books Ltd. • Spanos, N., Menary, E., Gabora, J., Dubreuil, S. eta Dewhirst, B. (1991). Secondary Identity Enactements During Hypnotic Past-Life Regressions: A Sociocognitive Perspective. Journal of Personality and Social Psychology, 61, 308-320. • Wagenaar, Willem eta Groeneweg, Jop (1990). The Memory of Concentration Camp Survivors. Applied Cognitive Psychology, 4 (2): 77-87. • Walton, D. N. (1997). The Appeal to Expert Opinion. Arguments from Authority. University Park, PA: Penn State Press.
Lower Manhattan, Hudson ibaitik Berrogeialdia, bidaiaren aurretik 2020ko martxoaren 1ean, igandearekin, gure asmoak kolokan jartzen hasiak dira. Datorren astean, martxoaren 10ean, New Yorkera joatekoak gara. Aspaldian hartu genituen bidaia-agentzian hegazkin txartelak eta hoteleko gela, bi astetarako: Bilbotik Lisboara, han eskala eta New Yorkera, Manhattanen aurkitu diguten hotel batean. Orain, azken asteetan, koronabirusa hedatzen ari da Europan –Italian eta Espainiako estatuan bereziki, Euskal Herrian bortizki zabaltzen hasia da Gasteiz aldean–, eta azken egunetan New York bertan lehen kasuak agertzen hasi dira ere. Dena hankaz gora gelditzen ari da: herri eta eskualdeetako itxialdiak, ospitaleak gainezka, gaixo eta hildako ugari, garraio eta bidaiatzeko murrizketak... eta bitartean, gure bidaia prestatzen ari garela, ondoren azalduko dudan bizipen gehigarria egokitu zait. Eguneroko batean idatzitako oharretatik hartutako apunteak dira ondokoak. Martxoaren 2a. Goizeko 8:00etan zenbaki ezezagun batetik dei bat sartu zait, berehala jaso dut eta egun osorako sustoa eman didate: Jaurlaritzako Osasun arlotik ari ziren, eta galdetu didate ea aurreko astean ospitalean egon nintzen mediku kontsultan, eta baietz nik erantzun, eta orduan iritsi da bonba, kontsulta horretan koronabirus kasu bat egon dela, eta deskartatzen ari direla bertan egon ginenak gaixorik egotea. Ez didate esan ezer berezirik egin behar dudanik (sintomak agertuz gero anbulatoriora joan ordez telefonoz deitzeko), baina zalantza sartu zait oso zuhurra ote den hortik egotea tabernetan, lagunekin, lantokian, auzoko bileretan... Ez hori bakarrik, berehala burura etorri zait aurreko asteburuan aspalditik ikusi gabeko jende askorekin egon nintzela –hileta batean eta antzerki saio batean–, eta haietako gehienei musu eman niela. Ez ote nituen neuk kutsatuko ezer jakin gabe. Martxoaren 3a. Atzo oheratu nintzenean irakurri nahi izan nuen, baina lo seko geratu nintzen, ez dakit zein ordu zen, berandu, hori ziur. Gauza da gaueko 4:00etan esnatu naizela, batere logalerik gabe, eta orduan irakurri dut nobela amaitzeko geratzen zitzaidan zatia. Gero altxatu naiz eta interneten egon naiz gaurkoak izango ziren lehen berriak irakurtzen. Koronabirusaren istorio horrekin gauza asko aldatu zaizkit, lasaitasuna galdu dut eta urduri nago. Baina goizeko 7:00ak aldera-edo berriz lo hartu dut, eta orduan ezin izan naiz goiz esnatu, langileak entzuten nituen fatxada konpontzen logelako leiho ondoan, urruti bezala, beste mundu batean, eta ez nintzen gai esnatu eta altxatzeko. Azkenean, goizeko 11:00ak aldera esnatu naiz, lo gaizki egindakoan altxatzen zaren moduan, gorputza trapu zahar bat egina. Bibliotekan lanean nengoela, berriro ere Osasun zerbitzutik deitu didate, ondo ote nagoen galdetzeko. Koronabirusarekin positibo emandako batekin kontaktuan egon nintzenez duela astebete, beste zazpi egunetan deituko didatela ohartarazi didate, kontrola egiteko. Inolako sintomarik ez badut, bizitza normala egiten jarraitzeko esan didate, bestela atzo eman zidaten telefono zenbakira deitzeko aldatu beharreko ohiturak zehazteko. Beraz, bihar eta hurrengoetan ere deituko didatela esan dit. Gaurkoak informazio gehiago eman dit, eta gauza gehiago galdetu ere. Horrekin urduri antzean jarri naiz berriz, etxera etorri, bazkaldu, eta siesta egitera jarri naizela, kalenturarekin nengoela iruditu zait, nahiz eta termometroa jarri eta kontrakoa eman. Paranoia. Entzun dut antzeko kasuan dauden guztiei gertatzen zaiela. Egian, berrogeialdia egiten, bidaiaren aurretik Martxoaren 4a. Beste gau bat lo gutxi eginda. Mamuak. Tira, unetxo bat zerbait idazteko. New Yorkekoa oso aztoragarri jarri da, eta beldurgarri, boladaka doa. Arratsaldean saiatu naiz aseguruak begiratzen, konturatu naizenean kontratatu dugunak ez duela estaltzen epidemia bat edo azkar hedatutako gaixotasun kutsakor bat dagoenean. Bidaia-agentziara jaitsi naiz eta bai, atetik sartu orduko hori esan didate nik ezer galdetu aurretik: zure aseguruak ez du koronabirusa estaltzen bidaia ezeztatu nahi baduzue. Baina letra txikia begiratuta, are okerragoa da, aseguruak ez du estaltzen ere han gaixotasuna hartu eta horrek sortutako gastuak. Konturatu naiz interneten saltzen dituzten aseguruetan gauza bera gertatzen dela. Beraz, bidaia ezin dugu bertan behera utzi gastuak guk asumitu gabe, eta hara joanda gaixotzeko beldurraz gain, gastuak gure kontu izango liratekeela jakiteak are gehiago izutzen du. Hori dena gutxi balitz, gaur gauean New Yorken kasu berri asko agertu dira, eta aipatzen dutenez, lehen gaixoak metroa asko erabiltzen omen zuen eta han kutsatu zela uste dute. Martxoaren 5a. Beste gau bat lo egin gabe. Goizeko 5:00etan esnatu naiz. Gero, berriro sartu naiz ohean gauza hauekin guztiekin buruan, ezin lo egin, baina azkenean seko geratu naiz. Bazkalondoan hau idazten jarri naiz. Orain baikor nago, gauak beldur ematen dit, egunez lasai nago. Beste gauza bat da ez dakidala kalera irten edo ez. Jaurlaritzako Epidemiologia zerbitzutik deitzen dutenek bizitza normala egiteko esaten didate, baina gizarte-bizitza murrizteko eskatzen duen dokumentu bat ere bidali didate. Ez dut taberna-zulo batean sartuta egon nahi. Bihar galdetuko dut ea tabernetara joan naitekeen zerbait hartzera, eta baiezkoan, ondo baldin banago, gauez jaitsiko naiz kalera pixka bat. Martxoaren 6a. Badirudi orain ezjakintasun hau normaltasuna bilakatu dela, ez jakitea gaixotuko ote naizen asteartea baino lehen, bidaiatzerik izango dugun ala ez, iritsi eta New Yorken sartzerik izango ote dugun, eta hala izatekotan zer nolako plana egongo den, kontuan hartuz Chinatownen dugula hotela, eta Empire State dorrean, metroan eta museotan jende asko elkartzen dela espazio gutxian. Kuriosoa da, batzuetan oso lasai nago, New Yorken paseatzeko irrikaz, eta beste batzuetan izututa, pentsatuz astakeri bat egin behar dugula hara joaten. Arriskutsuegia dela, han gaixotu eta zer gertatuko. Iluntzean lasaiago nago, sukarrik ez, osasunez ondo sentitzen naiz, badirudi ez dudala arazorik izango birus honekin. (Martxoaren 7an ez nuen ezer idatzi, baina argazki-kamera hartu eta Egian eraistekoak diren Iztuetako zubi inguruan argazkiak egitera joan nintzen, testu honekin dagoena, haien artean) Martxoaren 8a. Bueno, pasa dugu asteburu hau, azkenekoa bidaiatu aurretik. Gaur goizean esnatu naizenean, aje handiarekin esnatu ere, ordenagailua piztu eta izutzeko moduko bi berri ikusi ditut, Italiako iparraldeko eskualde oso bat itxi dutela bertara ezin sartu eta bertatik ezin irten, eta New Yorkeko estatuak osasun emergentzia deklaratu duela. Orain lotara noa, bihar nire azken aurreko eguna izango da sukarra kontrolatzeko berrogeialdi bitxi honetan. Gaur bi aldiz pentsatu dut igotzen ari zela kalentura, baina larunbat gaueko bestondoa izango zen: 36,5ºtik gora ez da inoiz joan. Gustatuko litzaidake norbaitek bidaiak debekatzea, eta pentsatu behar ez izatea ba goazen ala ez, kezka larri bat gainetik kenduko lidakete horrela. Martxoaren 10a. Iritsi da eguna. Gauean ez dut lorik egin, eta gaur kalentura normalean baino pixka bat altuagoa nuen, sukarra izatera iritsi gabe ere, 36,7º inguru. Loiuko aireportuan hamar aldiz jarri dut termometroa ea 37ºra iristen nintzen bidaia bertan behera uzteko, baina ez, sekulako tentsioan egonda ere Lisboaraino joatea hoberena zela pentsatu dugu, eta hango aireportuan ginela Portugalen geratzekotan izan gara, zergatik ez auto bat alokatu eta Algarvera joan –dena merke egongo da egoera honetan–, New Yorkeko abentura utzita. Bitartean, gaur azkeneko aldiz deitu didate Epidemiologiatik, eta ondo pasatzeko esan didate, gaur arte sintomarik garatu ez badut, hemendik aurrera zailagoa izango dela, eta hala izatekotan, medikura lasai joateko AEBtan. Erraz esaten dira gauzak. Edozein modutan, zer egin, ba ausartu eta hegazkinean sartu, zortzi orduz hor barruan egon sardinak latan bezala, eta New Yorkera iritsi gara azkenean. Aireportuko atzerritarren kontrola pasatzea oso erraza izan da, Zapata izeneko polizia emakume batek espainolez ongi etorria eman digu. Midtown Manhattan Lehen egunak New Yorken, dena okerrera doa 2020-03-10, gauez Azkenean etorri gara. Egun hauetan pentsatzen nuen ez ginela etorriko, egia esateko, ez nuen etorri nahi, espero nuen abioia galdu egingo genuela, edo ez zigutela sartzen utziko, edo azken unean iritziz aldatu eta Algarven bukatuko genuela. Gaur, Lisboako aireportuan, Algarveri buruzko informazioa begiratzen egon gara ere, non jan mariskoa, hotelen prezioak... eta txiripa batez erabaki dugu New Yorkerako hegazkinean sartzea. Beraz, hegazkinean sartu, ordu mordoa hor barruan egon estu-estu eginda, eta hemen gaude, Chinatownen. Metroz etorri gara aireportutik –gogoratzeko gauza bitxi bat: metro geltokian erosi dugun txartela erabiltzen asmatu ez, eta gizon beltz batek, Jamaica Stationen billete bat ordaindu digu, sarrera abegikorra eman digute–, gauzak utzi hotelean, eta zerbait jatera irten gara. Espero nuenerako, nahiko tristea ingurua, gaueko 10etarako dena itxita. Azkenean, gaueko supermerkatu batean hotdog bana erosi, pepino saltsarekin, eta hori jan dugu, espaloi ilun batean eserita. Nekatuta gaude, hau apuntatu eta ohera noa. Bihar gehiago. Nekatuta baino gehiago, zama bat gainetik kenduta. Esango nuke aurrekoa izan dela aspaldian pasatu dudan asterik txarrena, a zer nolako tentsioa. Deskantsatu behar dut. 2020-03-11 Hotelean naiz, “bazkaltzen”, supermerkatu batean erosi berri dudan entsalada mexikar bat, oso mina, letxuga, oilasko, arto eta babatxikiekin. Badago hoteleko solairu bakoitzean gela handi bat, futbolin, airhockey jokorako mahaia, eta 10 bat lagunentzako beste mahai handiarekin, eta beste mahaitxo batzuk butaka launa dutela. Horietako butaka batean nago, entsaladarekin eta ordenagailu eramangarriarekin, dena oso modernoa, Ugutzek erosi dituen Oreo gaileta batzuk jaten postrerako. Lortu dut azkenean New Yorketik paseatzea. Altxatu naizenean beheko taberna batera jaitsi naiz kafe bat hartzera bagel batekin, erroskilla moduko ogia, nik gaztarekin aukeratu dut, bazeuden gozoak ere. Gero hemen inguruan bueltatxo bat eman dut, auzo txinatarrean, polita zegoen, etxe zaharrak beste orratz horien silueta garaiak atzean ikusten direla. Lehen argazkiak egiten hasi naiz, modu konpultsiboan, argazkiak egiteagatik inor harritzen ez den hiria da hau, hori gustatzen zait. Gero hotelera etorri eta Ugutzekin atera gara, Downtown aldera. Epaitegiak, Udaletxea pasa ditugu, Broadwayren hego aldera iritsi, eta Wall Streeteraino iritsi gara. Inperioaren zero gunea, nolabait toki hau ikusteko gogoa nuen, ez dakit ongi zergatik, ikonoa, sinboloa, aginte kapitalistaren lekurik trinkoena. Zenbat milioi dolar, zenbat lagunen aurrezkia eta zenbat langileren etorkizuna egongo zen gu egon garen tarte labur horretan jokoan jartzen. Gero jakin dut gaur burtsak sekulako beherakada historikoa izan duela. Jarraitu dugu Battery Parkeraino, eguraldi goxoa egiten zuen eta banku batean eserita egon gara askatasunaren estatua famatua urrunean ikusten, gero itsas aldetik jarraitu dugu eta azkenean Downtownera sartu gara berriz metroa hartzeko. Metrocard delakoa erosteko eta gero hura erabilarazteko arazotxo batzuk izan ditugu, ondoren erdi-zuzena den tren bat hartu dugu konturatu gabe, geltoki guztietan geratzen ez dena, eta gure geltokia saltatu, atzera berriz asmatu arte eta hotelera, Ugutzek lehen siesta egiten duen bitartean nik bazkaldu, hau idatzi eta argazkiak pasatu ditut hodeira. Albuma prestatzen hasiko naiz oraintxe. Eta albumarena eginda, uste dut beste buelta bat ematera noala, gogo biziz nago. Eta egin dut. Ugutzek ez zuen etorri nahi eta bakarrik joan naiz. Ze ederra, Manhattan zubia zeharkatu dut Brooklyn alderaino. Eguzkia zegoen, baina hodei altu batzuen artean ezkutatzen joan da, oso argi polita. Argazkiak egiten egon naiz, berriro ere modu konpultsibo batean, hain polita ikusten zen dena. Manhattango alde finantzarioa osorik ikusita ederra da, ez dakit zergatik handitasuna –edo handikeria– beharrean, txiki ikusten da. Agian eraikinen altuerak egiten du eremu txikiagoa ematea distantzia batetik begiratuta, altueran duena zabaleran galduko balu bezala. Baina polita da, badu zerbait erakartzen duena New Yorkeko skyline sonatuak. Eta gaur egin duen arratsaldearekin, hodei altuek beheraka zihoan eguzkiaren argia tarteka ilunduz, oso fotogenikoa geratu da paisaia urbanoa. East River 2020-03-12 Atzo gauean, Allen Streetetik gora ibili ginen zerbait afaltzeko, pizza zati batzuk jan arte zerbitzari hispano baten txiringito eskas eta txikian. Atzo gauen ere itsas aldera jaitsi ginen, Manhattan eta Brooklyn zubien ingurura, gauez ere polita da argi guzti horiekin, trenak zubitik igarotzen diren bitartean haien zarata inguruan barreiatzen denean. Gero fruta pixka bat eta jogurtak erosi eta etxera itzuli ginen. Gaur goizean berriro gosaldu dugu etxe azpiko kafetegian, eta gero Uptownera joan gara metroz, West 86 Street geltokira arte, handik Central Park zeharkatu, eta Guggenheim museoan sartu gara. Aldez aurretik genuen sarrera erosita, CityPass abonu-txartelarekin. Erakusketa iraunkorra nahiko pobrea iruditu zait, bestea, interesgarria zen baina ez nuen espero museo horretan horrelakorik ikustea: landa-eremuari buruzkoa, nekazaritzak kulturan izan duen garrantzia eta batez ere azken mendeetan mundu guztiko lurraldeetako agintariek ezarri dituzten nekazaritza-politikei buruzkoa, hauek duten zentzugabekeria eta megalomania salatu asmoz. Ez nau gehiegi konbentzitu, ikuspegi sozioekonomikotik interesgarria izanik ere arte garaikide aldetik ez diot ezer berezirik antzeman, baina tira, museoak badu zerbait arkitektura aldetik, eta ikusi beharra zegoen. Jaitsi gara pixka bat 5. Abenidatik, eta gero berriz Central Park zeharkatu dugu Columbus Circleraino. Parketik ere ikusgarria da etxe orratzen silueta multzoa, skyline delakoa, parkearen inguruan, zuhaitzen adarren arteko dorre luze estuak. Eraikitzen ari diren orratz berriek gero eta luzeago eta gero eta estuago dirudite. Oilasko souvlaki bat jan dut Columbus ondoan, Ugutzek hotdoga, eta Broadway behera hasi gara, nahiko flipantea da, estua, iluna eta aldi berean koloretsua, jendearekin, antzerkien kartelekin eta batez ere, Times Square aldean, argi-iragarki erraldoi guzti horiekin. Han bigarren platera jan dugu, sushi-ak, eta M&Mak, a zer plana bazkaltzeko. Han inguruan metroa hartu, eta linea horretako trenak Manhattan zubia pasatzen duenez, Brooklyn alderaino joan gara, hango lehen geltokian bueltakoa hartzeko. Nire maniak trenekin… Grand Streeten metrotik aterata, kafetegi txino herrikoi batean kafea eta kruasana hartu dugu, eta hotelera: argazkiak albumera igo, hau idatzi, lankideei mezu bat bidali… eta orain atseden pixka bat hartzera. Arratsaldeko 7ak dira, pentsatzen dut gero aterako garela bueltaxka bat ematera, agian zerbait hartzera… Manhattan, geometria 2020-03-13 Atzo gauean nonbait ikusi nuen Trumpek agindu duena ez dela soilik europarrak ezingo direla gaurtik aurrera AEBetan sartu, baizik eta Europatik datozen hegaldiak debekatuko dituela, eta horrek esan nahi du, nire ustez, hemendik hara joateko hegazkinik ez dugula izango. Kezka horrekin egin dut lo, eta esnatu naizenean Eroski Bidaiakera deitu dut, ea gure hegaldia aurreratu daitekeen. Berehala erantzun dute beste telefono-zenbaki batetik, eta saiatuko zirela aire konpainiarekin aukerak aztertzen, eta berriz deitzen ez zutenez nik deitu egin dut beste behin Eroskira: esan didate 4 eta 6 ordu artean behar izaten dutela horrelakoetan, baina oraingoan hainbeste eskari dituztenez, agian zerbait luzatuko dela, eta edozein modutan gaur edo bihar goizean erantzungo dutela. Oraingoz, berri gehiagorik ez. Gauza da, behin horietako lehen deia eginda, lasaiago geratu naizela, eta gosaltzera joan gara atzo aurkitu genuen txinatar gozotegira. Indarrak hartuta, metroa hartu dugu Metropolitan ikustera joateko, eta hara eguneko sorpresa, museoak itxi dituztela, agian soilik aste bururako, han atean emakume batek esandakoaren arabera. Birusaren kontu hau hartzen ari den itxurarekin ez dut uste hala izango denik. Beraz, aldez aurretik abonuarekin ordaindutako beste gauzekin zer gertatuko den ez dakigu, agian dena galduko dugu, hurrengo egunetan ez badira museoak irekitzen. Bestelako sarrerak (Empire State, ferrya…) ez dugu begiratu nola dauden, oraindik erabiltzerik ote daitezkeen. Ugutz nahiko zapuztuta geratu da, Egiptoko gauzak ikusteko gogoa baitzuen. Han ginela izan da berriro saiatu garela hegaldia aldatzen, baina esan digutenagatik itxoiten jarraitu beharko dugu. Beraz, Upper East Siden pixka bat ibili gara, txakurrak multzoka paseatzera ateratzen dituzten etxeko-langile ugari ikusi dugularik, gauza kuriosoa txakurrak kalera ateratzeko langileena. Metroa berriro hartu, eta Midtownera jaitsi gara: Waldorf-Astoria obretan, katedral katolikoa, Rockefeller ingurua, eta oinez Liburutegi Publikora iritsi gara. Oso ederra da, sala ugari, dena oso txukun, sala batean han bertan geratzeko gogoa sartu zait, liburuak hartu eta beste mundu batean itxi. Paseo luzea egin dugu gaur. Bibliotekatik Chrysler eraikina ikusi dugu, eta Bibliotekaren atzeko Bryant parketik, Empire State. Beste ehunaka eraikin bitxi ikusi ditugu ere, altuagoak edo ez, klasikoagoak edo modernoagoak, kargatuagoak edo ez… The Navarre dorrera joan gara, 7. Abenidako 512 zenbakian (milakoa falta zaio atariko zenbakiari nafar kopla famatuekin kointziditzeko). Madison Square Garden estadioraino gerturatu gara, Posta bulegoetara, eta berriro 7.era. Italiano batean jan ditugu makarroi bolognesa batzuk (oso onak), nik bi Heineken botilekin, ze ondo, banuen gogoa lasai eserita garagardoa edateko. Garestia da gero eseri eta eskatzea, dena 25 $ izan da, eta gero beste 6 $ bigarren Heinekena. Jaitsi gara Brodwaytik, 26. karrikaren kantoiraino, argazki batzuk egiteko. Lekuak horrela, lehen kolpean, ez du ezer esaten, baina bere historia guztiarekin, Bertolt Brecht eta Mikel Laboa, eta duela gutxi Marisolen liburuan ikusitako argazkia gogoan, ba euskaldunok hunkitzen gaitu, nola ez… Horrela Madison Squarera iritsi gara. Goizean euritsu eta triste bazegoen ere, eguerditik aurrera eguzkia atera, eta plaza honetan banku batean egon gara eguzkitan, argazkiak egiten: familiak umeekin jolasean (erlaxatu nau hori ikusteak koronabirusaren histeriaren erdian), eta txaperoak ziruditen gazte batzuk, haien artean erdi biluzik zebilen gorputz eskultorikoa zuen morroi bat. Neska kataluniar batekin egon naiz hizketan, aste buru amaieran dute atzerako hegaldia eta lasai zeuden. Ni ere nahiko lasai nago, denbora gehiago hemen egin behar badugu, tira, ez da hori okerrena, beldurtzen nauena da hemen gaixotzea, eta mediku bat topatzeko zailtasunak izatea, gaixotasunaren ondorio txar guztiez gain, noski. Baina bestela, bueltatuko gara etxera ahal dugunean, okerrena da ez jakitea noiz, agian bihar deitzen digute bihar bertan alde egiteko gomendatzen, edo agian beste hilabete osoa egin behar dugu hemen, auskalo zer egoeratan. Madison Square Park Madison Squaretik Union Squarera joan gara ibilian Broadwaytik, eta azken plaza honetan metroa hartu dugu hotelera etortzeko. Paseo luzea izan da eta nekatuta ginen. Eta ni pixalarriarekin, hori ere arazo bat da hiri honetan, komunak topatzea ez baita erraza. Deskantsatuta, eta argazkiak albumera igota, berriz irten gara kalera. Lispenard Streeteraino joan gara, kalea ikusi nahi nuen (ze utzita dagoen!) eta argazki batzuk egin. Badut nik nirea, azkenean. A little life. Deli batean garagardo bat eta patatak erosi, eta Canal Streeteko denda bateko erakusleihoaren koxkan egon gara eserita, beste gazte batzuen ondoan. Droga eskaini dit beltz batek (adin batekin, horrek ere ilusioa egiten du, horixe baietz) eta ibilian hurbildu gara Allen Streeteraino, pizza zati bat jateko –¿cuántos slices? galdetu digu zerbitzari hispanoak–, kaleko aulki batzuetan. Garagardo pare bat erosi mexikar groocery batean, eta etxera, hau idazteko. Ea zer gertatzen den datozen egunetan. Berehala itzultzeko deia jaso dezakegu, edo hemen aspertzen gelditu, batez ere kontuan hartuta dena ixten ari direla. Biharko, Anthology Films Archives zinema-ikerketa zentrorako erosita genuen sarrera ere balio gabe geratu zaigu, ohar bat bidali digute mailez. Garrantzitsuena, osasun arazorik ez izatea. Donostian larrituta egongo dira gurekin, pentsatzen dut, baina gu lasai gaude, uste dut hemen histeria askoz ere txikiagoa dela, oraingoz behintzat. Ez dakit zer gertatu den atzo edo gaur nire Nafar Ateneoan irabazi berri sariarekin, baina mezuak heltzen eta heltzen aritu zaizkit egun osoan, lekurik harrigarrienetatik. Irutxulon ere aipamen bat egin dute horren inguruan, Ateneoaren oharra errepikatuz, eta auskalo nondik atera duten argazki batekin. Pandemiako mezu guztiei hauek batu zaizkie, telefonoa sutan. Txio bat igo dut oraintxe twitterera, The Navarre eraikinera iritsi garela azalduz, baina mundu guztiak igotako azkenekoak ikusi ondoren nirea ezabatu dut, birusaren ondoko itxialdia gai bakarra izanik nirea lekuz kanpo geratzen zen, eta ni neu fribolitatean zaurgarri, agian. Eta hau guzti hau idatzi ondoren kolpe bakar batean, nire nobelarekin jarraitu behar dut, ez nau harrapatzen, egia esan, baina egia da ere egun hauetan ez dudala burua ezertan kontzentratzeko, badago giroan zerbait arraroa eta zaila da nobela bati atxikitzea. Saiatuko naiz. Chrysler eraikina Beste bi egun, kutsatzeko eta isolatuta geratzeko beldurrez 2020-03-14 Goizean berriz gosaldu ditugu arrautza frijituak etxe aurreko kafetegian, eta gero metroa hartzera joan gara. Geltokira sartu aurretik, eta Ugutzek txinoen opil bat jaten zuen bitartean, Eroskikoarekin hitz egin dut, ea zer aukera dauden hegaldia aldatzeko. Deituko dutela ahal dutenean, baina egun osoan erantzunik ez. Beraz, topoa hartu dugu eta Bryant Parken jaitsi gara, autobusa hartzeko asmoarekin pier (ibaiko moila) bateraino joateko, itsas txango bat egitera. Han ginela, Libraryra sartzen saiatu gara, komunera joateko, baina hara non hori gaurtik aurrera itxita dutela, irekitzeko datarik gabe. Eskerrak atzo ikusi genuela, Guggenheim ere txiripaz ikusi genuen, azken egunean. 5. Abenida zeharkatu eta Grand Central Station tren geltokian sartu gara, ikusgarria da, baina hotza iruditu zait, duela gutxi zaharberritua dirudi eta oso garbia, aseptikoa… militarrez eta poliziaz beteta egoteaz gain, turista batzuk, eta bertako jende askorik ez espazio zabalegi hartan. Bai lehenago metroan eta gero tren geltoki handi honetan jende gutxi dabilela iruditu zait, baina ez dut daturik alderatzeko, ez dakit nolakoa izango den jendetza beste larunbatetan. Edozein modutan, jende gutxi dabilenaren inpresioa gelditu zait. Hemen zerbait gertatzen da (eta badakigu zer den). Kalean hispano batzuk maskarak saltzen ari ziren, espainolez galdetu diet ea haiek zergatik ez zeramaten jantzita eta barre egin dute. Downtown, Hudson ibaia Hantxe bus bat hartu dugu 42. kalean zehar ekiteko mendebalde aldera, kairaino hurbiltzeko, eta busean ere jende gutxi, ia inor ez. Kaira iritsi garenean Circle Line ontzietako leihatilara, laster ateratzekoa zen barkurako txartela eskuratu dugu CityPassarekin, eskerrak hau behintzat erabili ahal izan dugula. Gustatu zait egin dugun buelta, Manhattan hegoraino eta handik Askatasunaren Estatuaren irlaraino. Egun polita zegoen, zerua urdina, argazki politak egiteko aukera izan dut. Gero ontzia Brooklyn, Manhattan eta Williamsburg zubien azpitik igaro da, Nazio Batuen eraikinera hurbildu arte. Han buelta eman eta hasierako kairaino itzuli gara. Hotza zegoen kubiertan batzuetan, nahiz eta eguzkiarekin beste batzuetan oso epel egon, disfrutatu dut ontziaren kanpoaldean, eta azkeneko zatia beheko kubierta estalian egin dugu, leiho handi batetik begira. Oinez jaitsi gara 34. kaleraino, beste bus bat hartzeko, Empire Staten sarreraraino hurbildu gaituena. Bueltaka ibili gara kale artean, 6. Abenida eta 33. kalearen izkinan dagoen parke txiki bateraino, Broadway gurutzatzen den lekuan. Supermerkatu batean erosi dugun ogi bigun eta txorizo susmagarriarekin egindako bokatak jan ditugu, eta metroa hartu dugu Stonewall pub historikoa ikusteko. Gustatu zait han ondoan altxa duten oroigarria, bi gizonezko bikotea eta bi emakumezkoena, parkean, estatua zuriak hiriaren erdian. Polita da parketxoa eta han ere egon gara tarte luzez eserita banku batean, jendea ikusten, argazkiak egiten, eta homosexualen eskubideak aldarrikatuz jende askok egin izan duena gogoan beti ere. Stonewall, oroigarria Eta handik etxera etorri gara oinez, 7. Abenidan behera, kalea bihurtzen den arte, hau da, Canal Street topatu arte. Chinatowneko denda batean fruta pixka bat erosi, eta etxe ondoko plazan eseri gara lurrean, Manhattan zubia hasten den lekuan dauden eskaileretan. Etxeratu garenean hasi naiz idazten gaurkoari dagokion hau, baina berriro atera gara zerbait jatera, Popeye delakora joan gara gaur, oilasko bokata triste bat hartu dugu. Garagardo lata batzuk erosi atzoko mexikanarenean, eta hemen gaude hotelean. Gaur ere nekatuta hainbeste ibilita. Ezinegonarekin, Espainiako estatuan jende guztiarentzako itxialdia ezarri da, Gobernu Zentralak eskumen guztiak hartuz, kanpotik ikusita beldurgarria dirudi, urruna, baina gerta daiteke egoera hori hona iristea hemendik gutxira, eta bitartean gu hemendik ezin atera geratzea. Egia esan, gaixotzen ez garen bitartean, tira… Arratsaldean, 7. Abenida eta 34. kaleko metro geltokian ikusi dugu gauzarik graziosoena orain arte: tipo beltz luze handi bat, koneju zuri-arrosaz mozorrotuta, saltoka bera bakarrik geltokian, erretzen, eta hatzetan txistua botatzen gero mozorroaren oinak garbitzeko. Pixka bat irakurri nahi dut oheratu aurretik. Duela aste batzuk bezala, beste zerbait idatzi behar dudala sumatzen dut, baina honetan geratzen naiz. Denbora gehiago hartu beharko nuke? Hoteleko gela nagusi honetako mahai txiki hau eta butakatxo hauek oso deserosoak dira idazteko, agian horrek eragina du. Bihar berriz deituko dut Eroskira, duela minutu gutxi ordenagailuan ikusi dut TAP konpainiatik atzo bidali ziguten mezu bat hegaldia aldatzeko aukera aipatzen duena, baina haien web orrian saiatu naiz aipatzen zituzten urratsak egiten, eta ez dut lortu. Gero irakurri dut txartela bidaia-agentzia batekin erosi izanez gero, agentziarekin hitz egin behar dela aldaketak kudeatzeko. Beraz, bihar deituko diet, zerbitzua 24 ordutakoa da, baina orain hemen gaueko 11:30ak dira eta ez dut gogorik. REMen This place is the beat of my heart entzuten ari naizela… 2020-03-15 Goizean deitu digu bidaia agentziako mutilak, badagoela aukera asteartean Euskal Herrira itzultzeko, bi eskala eginda eta gu bion artean beste 770 € ordainduta. Pentsatuko genuela esan diogu, bihar arte erantzun dezakegu, baina prezioa ikusita erabaki dugu hemen geratzea. Gero, iluntzean, azken berriak ikusita, New Yorkeko eskolak bihartik itxita daudela eta mezetako azken eguna –apirilaren 20a arte gutxienez– gaur izan dela, badirudi egun gutxi barru hemen indarrean jarriko direla atzo Espainiako estatuan ezarri ziren neurriak. Goizean gure zalantza zen museoak berriro irekiko ote dituzten, gauean zalantza aldatu da eta orain zera da, ea hoteletik ateratzen utziko ote diguten hemen geratuz gero. Horregatik bihar (hau da, ordu batzuk barru, hemengo gaueko 4:00etan, goizeko 9:00ak Euskal Herrian) deituko dugu hegaldi aldaketa eskatzeko, etzi hemendik alde egiteko, eskatzen digutena ordainduta ere. Gauza da gaur goizean poliki altxatu garela. Atzo gaueko agentziako telefono deiekin eta Ugutzen haginetako minarekin lo gutxi egin ondoren, kostatu zaigu esnatzea, amak esnatu gaitu zer moduz gauden galdetzeko eta hango berri emateko. Azkenean atera garenean, txinatarren okindegira joan gara kafe bat eta hiru opil jatera, horretan asmatu dugu lekua, oso gozoak egiten dituzte. Grand Streeten buelta txiki bat eman ondoren Ugutzek bere zigarroa erretzen zuen bitartean, metroa hartu dugu Coney Islanderaino. Coney Island, metro geltokia Metroan oso jende gutxi zihoala iruditu zait gaur ere, ez dakit igande arrunt batean nola joango den linea hori, baina kontuan hartuta eguraldi ederra egiten zuela eta Coney Island igande goiz pasarako leku aproposa dela, nik esango nuke gaur oso jende gutxi zihoala metroan, gu eta beste gutxi batzuk, eta ibilbidearen azken tartean, gu eta beste mutiko bat besterik ez. Ondo dago Luna Park (pena apirila arte ez dela irekitzen, edozein modutan, birusa dela eta agian gaur itxita egongo zen bestela ere), eta hango hondartza. Eguzkiak jotzen zuen, eta haize pixka bat bazebilen ere, ondo egoten zen, tarteka zenbait bankutan eserita egon gara Brighton Beacheraino iritsi arte. Ugutzi aurpegia gorritu zaio, erreta du. Nork esango, martxoan New Yorkera etorri eta beltzaran itzultzea etxera, aldaketa klimatikoa dudarik gabe. Leku lasaia eta txukuna, hondartzak itxura ona du udarako. Hasieratik gehien harritu nauena, ordea, zenbat jende errusieraz hitz egiten ari zen. Gero ikusi dugu Brighton auzoa lurralde errusiarra dela, denda gehienetan errusieraz soilik zegoen idatzita errotulazioa. Paseatzen zeudenak, gainera, errusiar helduak ziren, aiton-amonak, haietako asko zaintzaileek eramanda. Brighton auzoan buelta bat egin dugu, gustatu zait metro trenbidearen azpiko kalea, New Yorkeko irudi betikoa, autoak trenaren metalezko azpiegituraren azpian, eta komertzio asko, oso koloretsua, kale giroa. Kebab batean bazkaldu dugu, ongi, platerean, plater misto horien modukoa: entsalada, arroza eta arkume haragia nik, Ugutzek oilaskoa. Brighton, Coney Island Han metroa berriro hartu eta Brooklyn zentroraino joan gara, museoaren ondoan atera gara kalera, eta Washington etorbidetik jaitsi gara oinez. Amorrua eman dit Ugutzek ez duela tabernetara sartu nahi, zeren bizpahiru ikusi ditugu itxura onarekin garagardo bat hartzeko. Baina tira, ez haserretzeagatik aurrera jo dugu plazatxo batean eseri garen arte, berriz eguzkia hartzera. Bus bat hartu eta Atlantic Avenueko metro geltokiraino joan gara, han lur azpian sartu eta trena hartzeko. Eskerrak presarik gabe gabiltzala, ez baikara ohartu asteburuetan B linea ez dabilela, eta itxaroten denbora asko pasa ondoren, konturatu gara D linea hartu behar genuela beste nasa batean. Azkenean Grand Streeteko geltokian jaitsi gara (beste behin trenez Manhattan zubia igaro ondoren) eta berriro ere txinatarren kafetegira joan gara, nik te bat hartu dut kruasan batekin, Ugutzek opila bakarrik. Eta etxera etorrita, ni berriz atera naiz, arratsaldeko azken argia ikusi nahi nuen Manhattango zubitik, eta ikuskizun ederra izan da. Oso leku polita da, New Yorkeko politena ikusi ditudanen artean, eta trenaren zarata zubia zeharkatzerakoan (trenen zarata ozena, aldi berean bi edo hiru egon daitezke zubia pasatzen) hiri honetan barruraino gehien sartu zaidan gauzetako bat da. Ezingo nuke zubiaren aldamenean bizi, zalaparta etengabe horrekin, baina hiri honetara etorri, zubiaren pasabidera sartu, eta trenaren burrunba eta mugimendua gorputzaren barruraino barneratzen dela nabaritzea izan da eduki dudan esperientziarik zoragarriena egun hauetan. Etzi baldin bagoaz, bihar ere zalantzarik gabe joango naiz zubira ilunabarrean. Skyline iluntzean Gero hotelera etorri naiz, eguneko argazki hautatuak albumera igotzeko, eta afaltzera joan gara. Hotelaren ondoko jatetxe batera hurbildu, aurreko egunen kanpotik ikusi duguna, baina iritsi garenerako ixten ari ziren. Hoteletik gertu dagoen pizzeria ere itxita zegoen, beraz, lehen eguneko supermerkatura joan gara hotdog bat jatera pepino saltsa gozoarekin. Gustura jan dut, horrek harritzen banau ere, lehen egunean jan nuen bezala, nahiz eta kale bazterreko koxka batean eseri behar izan afaltzeko. Hemengo plana. Oso lasai egon gara gaur ere, koronabirus horren berriak izutzeko modukoak badira ere, bai Euskal Herritik datozenak, bai hemen bertan jasotzen ditugunak. Badago giroan azaltzeko zaila den zerbait, katastrofe baten aurreko egunetan egongo bagina bezala-edo, baina bizitzak jarraitzen duen bitartean aurrera egin behar da, eta uneaz gozatu, eta horrela bizitzen ari gara, egonezin isil batekin, hor barruan dagoen zerbait latentea, erabakiak aldatzera behartzen gaituena hizketan hasten garenean, baina gehiegi ere larritzen ez gaituena. Nire kezka da lortu behar dugula hemen ez gaixotzea eta itxialdi gogor bat hasi aurretik hemendik alde egin ahal izatea. Hotel honen inguruan badaude hiru edo lau bus geltoki, bereziki jende beltzak erabiltzen dituenak Georgia, Carolina edo Ohiora doazen busak hartzeko. Gaur, busa itxoiten jendetza ikusi dudanean, iruditu zait hauetako asko ere hiritik ihesean doazela, badaezpada. Eta giro hori nabari da, metroan jende gutxi, txinatar asko maskarekin, beltzak hiritik ihesean, eta turista gutxi, New York osoa ia guretzako bakarrik da orain. Baina guk ere, ahal badugu, gaur esan diguten aukera edo antzeko besteren bat erabiltzerik baldin badugu, hanka egingo dugu. Gustatu zait New York, zenbait gauza ez ordea: pixa egiteko zailtasuna, gure gustuko tabernarik eta jatetxerik ez egotea (edo behintzat guk topatu ez izana); baina beste detaile askotan hiri atsegina da, jendea oso arrunta, espezimen guztien presentziagatik ere, jende arrunta, oinez doanean zebrabidea gorriz pasatzen duen jendea, esaterako. Ederra bere arkitektura eta urbanismoa, eta samurra bere utzikerian. Ez zikinegia, baina ez txukuna, inondik ere. Argi asko leihoetan eta gutxi kalean. Putzuak eta zuloak nonahi, baina ez Glasgowek zeukan utzikeria, adibidez. Upper East aldean aberaskumeen pitokeria ikusten da, noski, baina ez da Mirakontxa ere (hemengoen kalterako, donostiar batek esana). Agian, burua galdutako jende gehiegi kalean, gehienak beltzak, pena ematen dute. Osasun mentaleko atalekoek lana dute hemen, horrelako zerbitzurik existitzen bada hirian. Edozein modutan, ardura handia osasun publikoko arduradunentzat. The Bronx, Edgar Allan Poe-ren etxea Azken turistak New Yorken, New Yorketik ihesean 2020-03-16 Bidaiaren antolaketarekin buruan genuena egiteko, 4:00retan beharrean 3:30etarako banengoen esna, 4:00ak jo dutenean hasi naiz agentziako telefonora deitzen, eta langile denak okupatuta zeudelako, hamar minutuko bi dei itxaroten egon behar izan naiz, komun-zuloko tapan eserita konketa ondoko marmola idazmahai moduan hartuta, azkenean hartu didatenerako. Hegaldia aldatzea eskatu dugu, eta ordurako garestiagoa zen, 900 €. Agentziakoak iradoki digu kopuru hori gutxitzeko negoziatzen hasteko, baina pentsatuz hori zaila dela eta denbora tarte horretan oraindik ere garestiago atera ahal zaigula, edo are okerrago, agian plazarik ez direla geratuko, onartu egin dugu. Beraz, biharko eguerdiko 13:00erako eman digute lehen hegazkina, Bostoneraino, han bost ordu itxoiten egon ondoren, hurrengoa arratsaldeko 19:30etan Lisboara aterako da, eta hara bertako goizeko 6:00retan iritsiko da, beste bi ordu itxaron eta Bilbora, eguerdiko 12:00etarako Euskal Herrian dena ondo badoa. Hori zen goizeko ordu txikietan adostu dugun plana, gero gauean erabat trakestu egin dena. Edozein modutan, hegaldiarena ustez konponduta, gosaltzera atera gara gero Empire State eta Bronxera joateko asmoarekin. Baina, hara non, gosaltzen ari ginela, interneten begiratu eta Empire Staten orrian bazetorren atzo jartzen ez zuena, gaurtik aurrera itxita egongo dela. Ez nau harritu, egia esateko espero nuen, baina gogoratu naiz herenegun dorrearen azpitik pasatu ginenean aukera eduki genuela bertara igotzeko, eta hurrengo baterako utzi genuela axolagabe. Fordham Heights, The Bronx Beraz, zuzenean Bronxera joan gara. Metroan jende gutxi dabil, agian zerbait bete da trena Harlemen, Bronxera zihoan jendearekin, gehienak beltzak. Atzo bat-batean izua sartu zitzaidan, ez ote zen arriskutsua izango Bronxera igotzea, edo behintzat, norbaitek ez ote zigun zerbait aurpegiratuko hara joateagatik turista intrusibo moduan. Baina inondik inora, gaur behintzat, eguraldi onarekin eta agian koronabirusa dela eta jende gutxiago irteten delako kalera, oso inguru lasaia iruditu zait. Edgar Allan Poe bizi izan zen etxetxoa ikusi dugu, eta gero Fordham aldean ibili gara. Eliza baptista batean janaria eskatzera joandako jende asko ikusi dugu ilaran, agian hori izan da gehien harritu nauena, bestela oso leku kosmopolita da. Atzo Brighton inguruan jende gehiena errusieraz ari bazen, eta dendak ere errusiarrenak eta errusiarrentzat baziren, Bronxen egon garen inguruan antzekoa da hispanoekin, jende gehienak espainolez hitz egiten du, eta dendak ere hispanoenak dira gehienbat. Kale gaineko metro geltokira igo gara Harlemera joateko. Bidean Yankee Stadium ikusi dugu estadioko metro geltokitik, eta gero 116. kaleraino joan gara. Han beste aldaketa bat, auzo honetan gehienak afroamerikarrak dira, eta Afrikako hizkuntzak entzuteaz gain, arropa afrikar tradizionalarekin jantzita zeuden batzuk. Harlem, eliza baptista Morningside aldetik Columbia Universityra igo gara, orain ikaslerik gabe dagoena. Eta campusa zeharkatuta, Broadwayn berriro metroa hartu eta Tribecaraino jaitsi gara, New Yorkeko kale zaharrenak ikustera, besteak beste bi etxe artean zubi-pasaleku bat duen Staple kale famatua, gaur aldamio batek inguratuta. Irailak 11ko zero guneraino joan gara oinez, eta dorre bikiak zeuden tokiaren ondoan pizzeria batera sartu gara, hemen ere hispanoak zerbitzariak, hamburgar bana jatera. Staple Street, Tribeca Bukatu dugunean beste metro bat hartu dugu Boweryraino, eta Ugutz etxera etorri bada ere, ni 8. kaleraino –St. Marks Place izena ere dueneraino– joan naiz. Auden bizi izan zen etxeraino iritsi naiz, bazegoen plaka bat (Google mapsen behin eta berriro begiratuta ere aurkitzen ez nuena), ilusio handia egin dit topatzea bertsoa: “Pareko maitasuna ezinezkoa bada, orduan utz nazazu ni izaten gehien maitatu zuena”; Columbia Unibertsitatetik hona Tom Spanbauer-en I loved you more nobelako bi mutilak izan ditut alboan. Ze polita ingurua, eta ze pena aurreko egunetan hortik ez garela ibili, auzoak itxura ona zuen, gustatu zait West Village. 2. Abenidatik igo naiz horraino, eta 1.tik jaitsi, aldatzeagatik. Bigarren abenida, East Village Hotelera iritsita, argazkiak albumera igo ondoren, berriro ere joan naiz Manhattan zubira, hiriaz despeditzeko. Gero pizzeriara joan gara buelta batzuk eman ondoren, noodle batzuk afaldu genitzakeela bururatu zaigu, baina ez dugu aurkitu gustatu zaigun lekurik. Beraz, betiko lekura, pizza slice pare bat. Eta hotelean ginela, ordenagailua piztu eta biharko hegaldien plana begiratzera sartu naizenean TAPen orrian, horra hor sorpresa txarra, hegaldia bertan behera utzi dutela jartzen baitzuen argi eta garbi. Kontakturako telefono batera deitzen saiatu naiz, baina ezinezkoa inork erantzutea, eta desesperatzen hasia nengoela, Ugutzi bururatu zaio begiratzea ea konpainiak hegaldi horretako plazak saltzen ote dituen, eta erantzuna baiezkoa izan da, alegia, badirudiela hegaldia egongo dela oraintxe bertan hegazkin horretarako txartelak erosi daitezkeenean. Baina ez daukat oso argi, beste orrian ere oso argi zetorren biharko gure hegaldia kantzelatu dutela, Bihar ikusiko, orain nekatua nago eta maleta egin behar dut, dutxa bat hartu nahi nuen, eta bizarra egin… oraingoz hau itzaliko dut eta gelara noa. Odisea bat bihurtu da gure bidaia hau. Abenturara etorri ginen, eta horrela gaude, alaiki esaten genuen dirua arazo handiena baldin bada arazorik ez dagoela, zeren badaramatzagu euro eta dolar asko gastatuta, eta horietako asko alperrik ere. Katastrofea gertuago dagoela giroan sumatzen da, baina jendeak bere bizitza egiten du, zer egingo du ba? Badirudi eutsi ezinezko olatu erraldoi bat hiriaren gainera erortzekoa dela... Ea hurrengoa noiz idazten dudan, kronikatxo honi amaiera emateko, oraingoz hemen utziko dut, sekulako logalea dut. Manhattan zubia 2020-03-17 Eta azkenean, amesgaizto batean bezala, goizeko 4.30etan Eroskira deitu dut eta hartu nauen neskari entzun diot esaten harritu ahotsarekin: ba bai, efectivamente, Boston-Lisboa hegaldia kantzelatu egin dute. Berak ere ez zekien zer egin beharko genuen, TAPekin saiatuko zela harremanetan jartzen zer aukera ematen zizkiguten ikusteko, eta itxoiteko. Hortik aurrera ezin izan dut lo gehiago egin. 7:00ak aldera berriz deitu dut, beste langile batek hartu du, eta berriro azalpen bera eta ondorio berdina, gure hegaldia desagertuta zegoela eta saiatuko zirela aukeraren bat bilatzen. Eta azkenean, horietako batek esan dit hoberena zela aireportura joatea eta gure aldetik kudeatzen saiatzea, haiei ez zietelako erantzuten ez telefonoez ezta posta elektronikoz ere. Hartu ditugu gauzak aireportura joateko, hoteleko harrerako langileari agian gure gelara berriro itzuli beharko genuela jakinarazi diogu, hegaldirik izango ote genuen argi ez zegoelako, eta hotela beste astebeterako ordainduta dugu. Metroan asmatzeko kostata, eguraldi txarrarekin, JFK aireportura iritsi eta hurrengo sorpresa: TAPeko bulegorik ez dagoela. Normalean arreta ematen duten lekuan, beste airelinea bateko langile batzuek esan digute TAPekoek duela bi egun alde egin dutela, apirila arte edo hegaldirik ez dutela, eta han ez genuela ezer egiterik. Berriro Eroskira deitu, eta hauek flipatzen, horrela ezin zutela ezer egin baina itxoiteko berriro ere. Minutu gutxi batzuk barru deitu digu berak, eta eman digun soluzioa harrigarria: Newarkeko aireportutik (hau da, hemendik 70 km-ra edo, New Jersey estatuan) gaur bazegoela hegazkin bat Lisboara eta oraindik plaza libreak zeudela, eta hara joaten saia gintezkeela, baina ondoren zetorrena zen okerrena, Lisboatik Bilbora hegaldirik ez, Lisboan ez zigutela egoten utziko ezta hotel batean ere, eta trenik ez dagoenez, eta kotxe bat han alokatuta Espainian ezingo genukeenez utzi, ba soluzio hoberena Badajozeraino taxi bat hartzea izango zela, eta han ikusi zer egin! Gauzak oso gaizki daudela, hori da esan didan azkeneko gauza. Orduan esan digu Iberiaren hegaldi bat zegoela Madrilera gaur arratsaldean: beste terminal batera galdetzera joan gara British Airwaysera, eta bai, baina Iberiakoek bakarrik saldu dezaketela txartelak, eta hango langileak berak gomendatu ditu American Airlinesera jotzea, merkeago aterako zitzaigulakoan. Hori egin dugu, berriro ere terminala aldatu ondoren, eta azkenean hegazkin-txartelak eskuratu ditugu, bakoitza 800 eta piko dolarretan, eta lasaitu egin gara. Aurrerantzean lana izango dugu diru hori guztia berreskuratzen, baina behintzat etxetik gertuago egongo gara Atlantikoaren gure aldean, eta ez honetan. Gero arrebarekin egon naiz hizketan, eta hainbat buelta emanda, tren txartela erosi digu Madriletik Donostiara joateko, distantzia erdiko tren kaxkar batean, baina behintzat etxean utziko gaituena. Lasaiago nago, azkenean, dirua erruz gastatuta, hori bai. Baina bueno, horretarako dugu dirua, ezta? Hainbeste urtetan aurreztutakoa larrialdietan gastatzeko ez bada, noizko izango da ba? Orain JFKn gaude, pasta plater bat jan dugu, oso txarra, eta itxarongelarik ez dagoenez lurrean gaude, ni eserita hau idazten eta Ugutz lotan lurrean etzanda, hori erraztasuna duena! Beste lau ordu geratzen zaizkigu hegazkineratzeko, baina hemen behintzat lasai gaude, hegazkin-txartela eskutan, eta etxera iristeko gogoz. Badirudi odisea bideratu egin dela, orain ikusi beharko nola dauden Espainia eta Euskal Herria birusaren afera honekin, hainbeste debeku eta beldurrezko neurri. Ordenagailu hau itxiko dut eta hurrena azken etapa kontatzeko izango da, ez banaiz lehenago aspertzen eta Madrileko geltokian edo trenean bertan ez badut hau berriro ateratzen zerbait idazteko. Two Bridges Beti bezala, zerbait falta delako sentsazioa, gertatutakoa eta bizitakoa hitzez adierazteko zailtasuna. Nola kontatu gaur pasatu duguna, pentsatzen genuenean New Yorken geratu beharko ginatekeela nork jakin arte, kale guztiak hutsik eta guk zer egin jakin gabe, aspertuta eta estutasun itzelarekin! Nola islatu pasa dugun ezinegona, larritasuna, beldurra! Zer nolako urduritasuna gauez, zalantzaz beteta, komunean eserita hogei minutuz telefonoa norbaitek hartuko zuenaren zain! 2020-03-18 Iritsi gara azkenean etxera. Oso nekatua nago. Estres handia izan da, alde batetik, eta gero aireportua, hegazkina, metroa, geltokia, trena… Madril fantasmagoriko hori, kaletak eta geltokiak hutsik, eta horri guztiari ordu aldaketaren ondorioz bost ordu janda eta lo gutxi eginda, gorputzak ohea eskatzen dit. Burutik hau kendu, eta bidaian gozatu duguna noizbait paperera ekartzeko gogoz. 4. metro-linea, The Bronx 2020ko apirilaren amaieran
LEHEN MUGIMENDUA Azken aurreko manifestua idatzi nahian zuzentzaile ortografikoarekin borrokan Aldarri egin beharrean gaude aldarri, hitzak eta aditz taulak aldarrikatzeko sasoian oraindik Manifesté bat idatzi nahi nuke baina ex dit unten sistemak. Ezin dut ezetz idatzi: ez guztiak ex bihurtzen dizkit etengabe sistemak, gurea hizkuntza extinto bat izatera behartu nahi balu bezala. Manifestua manifesté kaltea ez da handia atzoko berbera da-eta, egia esan... Como ya manifesté ayer Como ya manifesté antes de ayer Como ya venía mani festan do el año pasado… Iraganeko izatera derrigortzen du zuzentzaileak manifestu hau. Manifesté bat idatzi nazi nube vayan ex dit unten, Gurina eta mermelada zabaltzen dizkit bizkarrean, eta nik ez diot utzi nahi, baina hala ere, unten, unten idaztarazten dit nahiz eta ez diodan utzi nahi, “Baina” hitza idazten dudanean ez dit unten “vayan” “vayan” zuzentzen dit etengabe, vayan nora joatea nahi du honek? Nola ausartzen da “enroñen izaera” (“neronen” idazten ere ez dit uzten, enroñen zuzentzen dit sasikume halakoak neronen izaera herdoilduz!) Bidali egiten nau ni eta gu bidali egiten gayusted: “vayan, vayan, desalojen el recinto”. “Vayan, guk ez dugu ezer egin eta...!” Zuek sinets al dezakezue hau, posible oteé (oteatzera behartzen nau orain horizontea zuzentzaile madarikatuak, ba ote, bai oteé, baietz baietz oteatuko dudala oteatu beharrekoa! Origen, barka, horixe gai garela gu ere oteatzeko urruneko lurraldeak... vayan ex dudala bizi nahi isolatuta, vayan “ez dudala ere ex dit unten idazten” eta dúdala idaztera behartzen nau dudala-ren ordez, eta ondo dago la duda, eta zalantzak beharrezkoak dira badakit, baina heldulekuren bat ere bai. Suez ez duzue uste? Suez ez zaudete ados? Nola Suez? Nondik atera da Suez Kanala da Suez, kanala da ETB2 dúdala zio ete be vi cio. Cío tío, vicio. baina nik ez nuen idatzi nahi Suez, Suezen Egipton dago euskararen etorkizuna, Alá? (Yala Yala Ramala!) eta nik, nik idatzi nahi nuez! (Eta nuez ez, baizik eta nuen...) Nondik atera da intxaurra orain, Intxaurrondo guztiak ez dira berdinak, baina intxaurra idazten ere ez dit unten queso “¿quiso quizá usted decir instaura?” zuzentzen dit intxaurra (“¿Instaura un nuevo régimen?”). Intxaurraren le cuan do el grajo vuela bajo Hace un frío del carajo… Horrela ezin da joan norberak nahi duen lecura la gripe lecura la tos. (izan ere “lekura” hitza josita ere ez dit idazten unten, ezpada lectura edo locura, hitz interesgarriak biak, baina... bai oteé posible? ¡Lekura locura todo la gripe la tos! Hau eromena da! “No sé encontró ninguna palabra relacionada con su búsqueda ¿quiso usted quizás decir romería?” Manifestu manifesté manifiesta Manifes dubi dubi dá bat idatzi nazi nube dadaistek egien zuten bésala baina ex dit unten sistemak (“¡Bésala!”, agindu bat da, itxuraz: bésala eta ex, muxukatu zure bikote izandakoa, beraz, “¡besa a tu ex!”, berandu izan aurretik, hitzak eta zu zerorri zimurtu baino lehen! Ahorca zen dit zuzentzaileak (barka: aholkatzen dit esan nahi nuen), bezalaren ordez, bésala, Zergatik musukatu behar dut inor, hemen jendaurrean, gogoak ematen badit izango da hori!) Como ya manifesté ayer Como ya manifesté antes de ayer Como ya venía mani festan do el año pasado… Azken aurreko manifestua idatzi nahian zuzentzaile ortografikoarekin borrokan Edo hobe esan: asquean-arre-eco manifiesto ida-sí nadan dulce-baile ortográficoarlequín borro tan… Aldarri egin beharrean gaude aldarri, hitzak eta aditz taulak aldarrikatzeko sasoian oraindik. (Aldair en fin berrean laude, aldair, hincas eta ADIF tábula calda-rica checo safoxón ya, hora indica…) “Houston arazo bat daukagu! Deskonektatu autozuzenketa. Autozuzenketa deskonektatua izan da”. Autozuzenketa eta buruzidioa deskonektatuak izan dira. BIGARREN MUGIMENDUA ZEIN DA INGELESEZ IKASI ZENUTEN LEHEN HITZA? Flashback. Ez, badakit, nirea ere ez zen izan flashback, baina zinemarekin du zerikusia. Pentsatu denok, pentsatu guztiok. Saiatu gogoratzen. Ez esan, ez daukazue aitortu beharrik, hau ez da mentalismo ariketa bat, (tira, apur bat bai, manifestu guztiak dira mentalismo ariketa bat), hau azken aurreko manifestu bat da, baina pentsatu denok une batez zein izan zen ingelesez ikasi zenuten lehen hitz, lehen esamolde hura. Nirea THE END izan zen, ziur aski. Oso modu pedagogikoan ikasi nuen. Bakeroen film baten amaieran agertzen zen, edo Tarzanen filmaren amaieran agertzen zen, eta film pare bat ikusi ondoren berehala ulertzen zenuen zer esan nahi zuen THE END horrek: THE ENDek esan nahi zuen, THE END. Akabo fandangoa. Has gaitezen, beraz, bukaeratik. Zein da euskaraz ahaztu zenuen azken hitza? Zein da euskarak ahaztuko duen azken hitza? Zein izango da euskarak galduko duen azken hitza? Hitz fosila, hitz -ziur- mailegatua, hitz lapurtua, beste hizkuntza batean ezkutatua, adoptatua, kamuflatua? Zein izango da hitz-Asterix-galiarra, hitz heroiko gu gabeko gutarra, hitz genetikoki pribilegiatua iraupenarekn bedeinkatua? “Por lo tanto, habría que plantearlo de la siguiente manera, ¿cuál fue la última palabra en vasco que olvidaste, la que se resistió, la última palabra que no tenía otra palabra con la que conversar?” Ulertzen da ideia, ezta? Hizkuntza bat noiz desagertzen den, alegia, azken hiztuna desagertzen den unean ala bat bakarra geratzen denean eta bakar horrek ezin dionean bere buruari baino hitz egin? Nortasun destolestua eduki behar al du hizkuntza baten azken hiztunak hizkuntza egon dadin bizirik eta segi dezan bere buruarekin hizketan? Hipotesia baiezkoa bada, hizkuntzaren biziraupena gaixotasunarekin legoke lotua. Zenbaitek diote “gaupasa” izango dela desagertuko azken euskal hitza. Zenbaitek diote “akelarre” izango dela desagertuko den azken euskal hitza. Zenbaitek diote “zulo” izango dela desagertuko den azken euskal hitza. (Este último párrafo no hay manera de entenderlo: Algunos dicen que “órdago” es una palabra vasca en desuso y que fue la última que desapareció; resulta difícil confirmarlo dado que ahora la estamos usando, aunque no sabemos para qué sirve un órdago). Gauza bat segurua da: desagertuko den azken hitza ez dela izango guk irautea nahi genukeen azkena. Eta geratuko dela hitzen bat desagertu gabe, baina baita esanahirik gabe ere. Politikoki zuzena ez da izango esatea, baina hizkuntzek ere borrokatzen dute haien artean, hiztunek erabiltzen dituzte euren borroketarako hizkuntzak. ZEIN DA ITALIERAZ IKASI ZENUEN LEHEN HITZA? Pentsatu denok, pentsatu guztiok. Saiatu gogoratzen. Ez esan, ez daukazue aitortu beharrik, hau ez da mentalismo ariketa bat, (tira, apur bat bai, manifestu guztiak dira mentalismo ariketa); ez da gehiegi pentsatu behar, lau urte dituzu edo zortzi, uda da, bota burura datorkizun lehena: pizza, Paparazzi, mamma mia? Egia, zuri Albinoni gustatzen zaizu agian eta adagio izan zen ikasi zenuen lehena edo da capo edo prestissimo edo molto vivace edo bandiera rossa edo avanti popolo edo “Ecco, Cappuccino!”. Edo “Eppur, si muove”. Hitz eder askoak ditu italierak, plazera da ikastea, turista izatea italiarren eremua, baina gurean? Bai, zuk ere ezagutu zenuen Antonella izeneko beraneante bat Zarautzen uda batez, eta hari muxu eman nahi izan zenionean hark esandako hitza oroitzen duzu: “Dopo, dopo...” Ez dena “piano piano si va lontano”, baina ia Hizkuntza bat, gero datorren zerbaiten promesa delako. “Adesso non, dopo!”. Eta pena da euskara italiera ez izatea, ze hala balitz, egin ahalko genuke opera famatuen izenburuen bidez euskara ikasteko metodo oso eraginkor bat. Eta izenburua litzateke, demagun: “ZUK JAKIN GABE JADA BADAKIZUN ITALIERA GUZTIA”. Interesgarria litzateke ama hizkuntza ez beste hizkuntza guztietan ikasi dituzun lehen hitzekin egindako zure balizko autobiografia. Etxekotu dituzun hitz arrotz horiekin, adopzioan hartu dituzunekin. Nahiz eta ez egon ama hizkuntzarik: hizkuntza bastardoak dira guztiak, sasikoak, ama hizkuntza marru eta lantuena litzateke, oihuena eta fonema murduskatuena, silaba hau- tsiena. Hizkuntza guztiak dira amaorde-hizkuntza, “no hay lengua madre, todas las lenguas son madrastras”, dio Cristina Rivera Garzak. ZEIN DA ALEMANEZ IKASI ZENUEN LEHEN HITZA? (Ez du balio Kronenburg 1664 esateak) Rot Army. Flughafen. Arbeit? Pintada hori: Natzis raus? Ai, pena da euskara alemana ez izatea, ze hala izan balitz Quentin Tarantinok nazien filmak egingo zituzkeen euskaraz. ZEIN DA PORTUGESEZ IKASI ZENUEN LEHEN HITZA? Pentsatu denok, pentsatu guztiok. Saiatu gogoratzen. Ez esan, ez daukazue aitortu beharrik, hau ez da mentalismo ariketa bat, -tira, apur bat bai, manifestu guztiak dira mentalismo ariketa…-, Hau, ia zalantzarik gabe dakit, saudade izan zela. Edo as noites agian, as noites da radio Lisboa. Ikasi dugun lehen hitza beti da biografia eta ia beti da gaztaro. Pena da euskara portugesa ez izatea, ze kasu horretan Angolako talderik ezagunena zatekeen Itoiz eta Joseba Sarrionandia Portoko ardo destileria guztien jabe. Zein da Europako ia hizkuntza guztietan dakizun hitza? Zein da ia denok ia hizkuntza guztietan dakigun hitza? Politxi. Police. Polizei. Politsei. Politzia. Policija. Poliisi. Politie. Politiet. Polis. Politsiya. Polisi. Pulis. Lapolis. Polikanoi. Puliziya. Hungarieraz: rendorseg. Beti dago salbuespenen bat. Googleatu egin dut, jakina: How to say police in european languages euskarazkoa ere badakar eta google-en ustez ez da, pentsa zitekeenaren kontra, “polizia”, baizik eta hara, beste hau: “poliziaren!”. Bizia da Google, konjugatzailea eta jostaria, aditz subjuntibo berriak asma genitzake Google-i esker: “Ojalá, ojalá, ojalá a mí no me poiliciaren jamás”. ZEIN DA GAZTELANIAZ IKASI ZENUEN LEHEN HITZA? Pentsatu denok, pentsatu guztiok. Saiatu gogoratzen. Ez esan, ez daukazue aitortu beharrik, hau ez da mentalismo ariketa bat, -tira, apur bat bai, manifestu guztiak dira mentalismo ariketa-, Hau zailagoa dela diozu? Begiak itxi beharra dago eta ariketa barnerakoiago bat egin. Ea, ba. Saia gaitezen. Proposamenik? Ez pentsatu gehiegi, bota burura datorkizuen lehena. (pelota, pato, balón, kanika, futbolín? ). Pena da euskara gaztelania ez izatea, ze kasu horretan gaztelania ikastea aski litzateke euskara ikasteko, ezta? ZEIN DA FRANTSESEZ IKASI ZENUTEN LEHEN HITZA? Oui. Quai de la gare da agian? Quai-de-la-gare-geltokiaren-gainetik-iragaiten-diren-altzeiru-bortitzak hortzez-mugatutzat-jo-ditzazkezunean da frantsesez ikasi zenuen lehen hitz luzea? Orduan badakit 70. hamarkadan edo lehenago Hegoaldean jaioa zarela. Bayonne-17-panopetik... diozu? Ados Hegoaldean eta laurogeietan jaioa zarela badakit. Tête de la course? Ados, badakit txirrindulari zalea zarela. Ordu erdi emango banizue, esango zenizkidakete ehun hitz italieraz, ehun hitz alemanieraz, ehun hitz portugesez? Obrigado. HIRUGARREN MUGIMENDUA Hau da nire proposamena: 100 hitz. Hau da manifestu honen eskaera: 100 hitz. Ehun hitz, baina denok. Ehun hitz adostuak, eztabaidatuak, bozkatuak. Ehun hitz, gutxienez. Ehun hitz desfibrilatzen hasteko. Ehun hitz desengrasatzen hasteko. Ehun hitz edo ehun esamolde eraginkor. Ehun hitz eta ehun kontestu. Asquean-arre-eco manifiesto ida-sí nadan dulce-baile ortográficoarlequín borro tan Aldarri egin beharrean gaude aldarri, hitzak eta aditz taulak aldarrikatzeko sasoian oraindik (Aldair en fin berrean laude, aldair, hincas eta ADIF tábula calda-rica checo safoxón ya, hora indica…) Ehun hitz ikasi urtebetean, euskaraz. Derrigorrez? Bai, de rigor. “Mira, ya has aprendido una: la palabra derrigor”. Zenbat gauza egin behar diren derrigorrez, bada, bat gehiago, baina hau dibertitua da. ZUK JAKIN GABE JADA BADAKIZUN EUSKARA GUZTIA. Izeneko metodoarekin has gaitezke. Barkatu, baina kalean topatzen dudan jende gehienarekin moldatzeko ez ditut ehun baino gehiago behar. Okinarekin goizeroko transakzioan ez dut Kanten inperatibo kategorikoari buruz hitz egin nahi, baina aski dira ehun hitz okinarekin mintzatzeko. Zenbat da? “Pues a mí zenbat-da me suena a lambada…” Ba hobe, dantzan dena errazagoa da, nire okinari regetoia gustatzen zaio eta ez euskararen maratoia. ¡TODO EL EUSKERA QUE SABE SIN SABERLO, SEÑOR PANADERO! Euskara ez da galduko dakigunok hitz egiten ez dugulako, ez dakitenek ehun hitz eder ikasteari uko egin diotelako baizik. Kortesia eta edukazio ona ez dira galduko euskara dakigunok hitz egiten ez dugulako, ez dakitenek ehun hitz eder ikasteari uko egin diotelako baizik. Politesse, bi eserekin, datsegit. Frantsesez eraginkorragoa da. Esadazu zein hitz itzultzeari egiten diozun uko eta esango dizut nor zaren. 100 hitz. Aurten ehun eta datorren urtean beste ehun (tira: hau agian hautazkoa da, ikusiko dugu nola geratzen diren indar orekak, nork irabazten dituen hurrengo hauteskundeak...). Ehun hitz edo esamolde. Astero bi dira. Cafe Baquék edo Fortalezak zabalduko ditu lau haizetara goizero, Irratsaio eta albistegietan derrigor esan beharko dute erdal kazetari eta esatariek esaldi hori beren saioan (Asteko esaldia! ), modua topatu beharko dute gutxienez behin kaltzadorearekin sartzeko, Axularren gisara, modu pedagogiko batean, sinonimoekin: “La frase de la semana es...” Hori bai litzatekeela benetako konpromisoa. Entzun nahi dut euskaraz ez dakitenek euskaraz dakizkiten hitz apur horiek zer poema, zer autobiografia, zer nobela ezkutatzen duten… Bakan eta urri diren hitz horiek zergatik zaizkien erabilgarri edo erakargarri edo, zergatik ez, arrotz eta mespretxagarri. Ehun hitz gutxi dira. Ehun hitz asko dira. Ehun hitz izan daitezke anitz. Ehun hitz oraingoz. Ehun hitzekin ehundu daiteke hizkuntza bat. Denok ehun hitz berberak? Akaso ez. Ehun hitz, ofizioaren arabera. Ehun hitz, adinaren arabera. Ehun hitz horien artean, hitz tronkalak eta hautazkoak. Ehun hitz estrategiko. Ehun hitz, agian jada badakizkizunak: Renault LAGUNA... (zu ito egingo zinateke auto horretan, baina niretzat kopilotodun auto bat erostearen pare da! ). Agian ez dituzu ehun hitz ikasi behar ere. Zulo zer den baldin badakizu eta ama zer den baldin badakizu, aise ikasiko duzu zer den amazulo. Tres por uno, amazulo. Gutxi? Sí, como la ropa cara. Asko? Sí, como el miedo y el asco en Las Vegas. Mary Shelleyk beste hiru ekarri ditu: Adiskideak, ogia, ardoa. Frankenstein doktoreak sortzen duen izaki berri horrek esaten dituen lehen hiru hitzak. Adiskideak, ogia, ardoa. Orden horretan. Ez da hasiera txarra. 97 geratuko litzaizkiguke Mary Shelleyrekin hasiko bagina. Euskal zinegileak ari dira nomenklatura zabaltzen, itzulpenari uko egiten, ahoskeran buruhausteak sortu arren bati baino gehiagori: Flores esaten ikasi dute: LOREAK LÓREAC eta LOREÁC. Ciervo esaten ikasi dute: Oreína, Oreiná, Oh, Reina! Tres en uno, amazulo. Ez dugu nahi gure hizkuntza kosifikatu edo hotsifikatu dezaten: “Baso bat ur mesedez?” eskaeraren aurrean “¿perdón?” erantzuten digutenean “paredón” entzuten dugu guk, ez dugu nahi hizkuntza (mezularia) mezu bilaka dezaten, hotsifikatu egiten dute, esanahia ukatzen. Filmetan bezala, taxista-afganiar-jeneralean-terrorista bere hizkuntzan mintzo denean bezala, soilik azpititulatzen dute: “HABLA EN SU IDIOMA...” Hotsifikatu egiten dute hizkuntza. Ehun hitz, bakoitzak berea defenda dezala parlamentuan. Ehun hitz, bakoitzak berea defenda dezala pulamentuan. Nik nirea eramango dut, baina ez gaur: etzidamu. Etzidamu eramango dudala nirea, alegia, eta hitza ere hori berbera izango dela: etzidamu. Hirukoitza da hitza: etzi eta damu eta etzidamu, kanabera bakarrean hiru amu. Edozer egiten duzula ere, damutu egingo zaizu hiru egun barru. Ez daukagu denak orain aukeratu beharrik, baina presa pixka bat badugu: euskal hiztunak zulo beltzak topatzen baititu etengabe. Bete behar dira gune horiek urgente. Gure herrian oinez joan ahala, inolako indarrik ez duen grabitate eremuetan erortzen gara. Exiliatu intermitentearen fenomenoa, sarritan gertatzen da, nazkatu gara horretaz ere, kasu, aireportu eta hegazkinetan, hoteletan, administrazio kontseiluetan, modernitatearekin, bidaiarekin, ez-lekuekin lotutako erabaki guneetan, sinbolikoki zein ekonomikoki garrantzitsu diren lekuetan. Euskal hiztunak badaki, adibidez, hainbat esaldi sekula euskaraz entzun gabe hilko dela. Kasu: “El equipaje de mano puede haberse desplazado” edo “¿Ha consumido usted algo del minibar?” (“No, el minibar me ha consumido a mí”). Kezkagarria da hori. Iberiako lurreko langile batek Loiun ekipajea pisatzean galdetuko baligu “Aldean badaramazu maletarik batere?” libidoa disparatuko litzaiguke, “izan ditzagun seme-alabak orain eta hemen!”, gurekin ezkontzeko erregutuko genioke. Ba ote dakite Iberiako erdal hiztunek zein ahulak eta konbentzitzen errazak garen? Jakin dezatela, esan egingo diegu, hemen ari gara jada esaten: Ehun hitzak boteretsuak dira! Ehun spot gure zinegileentzat. Ehun biñeta egiteko lana gure marrazkilari zein diseinatzaileentzat. Ehun haiku kaiku. Ehun kartel erraldoi. Cafés Fortaleza, Bake Kafea, irrati, telebista, meza medioen bidez hedatuko ditugu urtebetean ehun hitz. Ehun hitz. Kultura sailari ere utziko diogu lan apur bat. Kultura sailari utziko diogu, dirua jar dezan eta trukean domina jar diezaion bere buruari. Ehun hitz. Azken hitzaren bila eta lehenaren irrikaz, ehun hitz. Hiritarren oinarrizko eskubideen kartan jarri beharreko puntua: ehule izan ala ez izan. Eztabaida bat, ehun hitz. Ehun hitz praktiko. Ehun hitz poetiko. Ehun hitz proteiko Ehun hitz sarea ehuntzeko. Ehun hitzak. Ditzagun ehun. GOGORAZIO SOLTEAK AZKEN AURREKO MOHIKANO BASKOAZ ETA HAREN MANIFESTUAZ Anjel Lertxundi Gure autoreak arriskuan ikusten du guztiz estimatzen duen ondasun bat. Idazten hasi zenean baino lehenagotik ere bizi zuen obsesioa du huraxe zaindu beharra. Ez bere obsesioa soilik: gehien maite duen jendea ere bat dator gure autorearen kezkarekin. Haiei ere ez zaie gustatzen ondasunaren inguruan ikusten dutena. Ez orduan, orain ere ez. Hargatik, gure autoreak aspalditik du ikuspegi berri bat eransteko gogoa ondasunaren inguruko tabu, ikusezin eta informazio-falta zahar bati, eta bide batez, ahal balu, ahalegin guztia egingo luke marka berri bat jartzen debateari. Gure autorea inoiz egon izan da ibai-ondoko etxeen hormek daukaten uraren marra ilunari begira. Uholdeen ondoren, obra handiak egin zituzten. Ordutik ura ez da marraraino iritsi. Antzeko muga bateraino iristen da ondasunari buruzko debatearen marra ere. Gure idazleak ez du marka ondu nahi, aitzitik baizik. Letorkeena aurreikusi nahiko luke. Erreferentzia izan. Aportazio originala egin ondasun preziatuaren inguruko debateari, ondasunaren gaineko tabu eta informazio-faltak ez dezan marratik gora egin… Esaten ari ez dira ba itsasoa gora eta gora datorrela? Askotarikoak izan ohi dira poetek-eta gizarteko auziei buruz idazteko arrazoiak. Gure autoreak izan ditu lehen ere halako kezka bati edo besteari ekiteko tentazioak. Batez ere, hainbeste kezkatzen duen obsesioaz mintzatu nahi luke. Baina idazten hasteko bulkada falta. Kixotek, ordea, aspaldi abisatu zigun: pertsona baten “bulkadak ez dira bere esku egoten”, eta, halako batean, ondo pentsatu eta gero —edo txiripa hutsez—, gure artistak bere posizioa adieraztea erabaki zuen eta, ordutik, ez du etsi eta ez du etsi buruan zerabiltzan ideiei indar dialektikoa, forma estetikoa eman arte. Halakoxea Harkaitz Canoren iazko bulkada Uxue Alberdik hitzaldi bat eskatu zionean Elgoibarreko Euskara ala Ezkara ekitaldirako. Bizitzan zehar buelta asko emana zion, noski baino noskiago, euskararen eta euskalduntasunaren superbibentzia gaiari, baina hartaz idazten hasterainokoa, ez. Uxue Alberdik egindako proposamenaren formulazioa —euskara ala ez gara— oso iradokitzailea egin zitzaion, ordea, bere forma zorrotz-laburrean. Mamia zeukan eta dauka. Eta mamiarekin, xarma. Idazle-idazle baten senak oso berea du arropa egokia bilatzea esan nahi duenari. Harkaitz Canok manifestu baten forma ematea erabaki zuen eskaintzari. “Bost urtez behin manifestu bat idatzi behar da ekilibrio hormonalari eusteko”, esan zuen Harkaitz Canok Elgoibarren, manifestua lehen aldiz irakurri zuenean. Kontu jakina da euskararen gaiak sarri eragiten dituela debateak, urtikaria eta baita haserreak ere, baina kaos hormonala probokatzen duenik, ez nuen entzuna. Orain badakigu, Harkaitz Canok esanda, manifestuak onak direla obsesioak arintzeko, disfuntzio erotikoak neutralizatzeko, somatizatzen dugun beste hainbat flakia eramaten ikasteko: aldian behingo eroaldirik, purrustadarik, uzkurraldirik, desadostasunezko manifesturik gabe, ez omen dago ekilibrio hormonalik, imajinazioari laguntzerik, pultsio artistikoari eusterik. Azken finean eta hormonak hormona, Canoren manifestua irakurri eta gero, lasaiago nago pentsatuz euskal idazleok idazten duguna manifestu luze erraldoi baten kapituluak direla, euskarari diogun atxikimenduaren aldarri komun, publiko eta azken aurrekoaren aportazioak. Dotoreago —ponparekin— esateko: euskararen azkena ahal den gehien eta ahal den osasuntsuen luzatzeko eta luzatzeko ahalegin prometeikoa da gurea. “Manifestu bat da zure garaiaren eta zure gizartearen Arrazoiaren aurka idaztea, leiho bat zabaltzea etorkizunera’, dio Mari Luz Estebanek Andrezaharraren manifestua poema-liburuan. Canoren asmoa horixe izan da, leiho bat zabaltzea euskararen etorkizunari, baina, horretarako, eraginkorrena da gizarte baten Arrazoiak beti eduki ohi dituen maskarak kentzen hastea bat bestearen atzetik. Baina idazten hasi zenean, Canok ez zuen Mari Luz Estebanen definizio bikaina ezagutzen, zeren Azken aurreko manifestuarekin hasi zenean Estebanen liburua argitaratu gabe baitzegoen. Koska da izaki fisikoen erlojua eta ideien ordua ez datozela behin ere bat. Izaki fisikoen mundualdiak beti aurrera egiten duen bitartean, pentsamenduaren ordulariak atzera eta aurrera egiten du atergabe, ez dago pentsamendu bakarrik, joan-etorrien anabasan elkar bazkatzen dira eta itxuraldatzen: gogamenaren alde ausartenak aurrera egin nahi izaten du eta pentsamenduaren status quo burgestuak, aldiz, posizio bertan goxo bat bilatzen, ohartu gabe posizio bertan goxo egite hutsaren korronteak gero eta atzerago daramala pentsamendua, ajetu egiten dituela ideiak eta zahartu. Onenean, senak erdi esaten digu, ttanttaka eta lanbrotan, zer doan aurrera, eta zer atzeraka, baina benetan zaila dena da, ia ezinezkoa, espiritu garaikidea zein den jakitea; oraintxe bizitzen ari garenak zer nolako usaina eta jitea dituen asmatzea; une honetantxe arnasten ari garen baina nolakoa den ez dakigun aire berri ezezagunak zer dakarren antzematea. Émile Zolak konpromisoaren ideia ekarri zuen literaturara J’accuse…! manifestuarekin. Tristan Tzararen Lehen Manifestu dadaistak zioen dada hitzak ez duela ezer esan nahi, horrela garbi utziz benetako literatura, arte on guztia bezala, ez dela ezeren maizter, ezta hitzen erabilera didaktikoarena ere, are gutxiago moralarena. Marinettiren Futurismoaren Manifestuak tradizioaren itzal luzea urratu zuen irudi metaliko distiratsuak sortuz eta futuroan jarriz bere proposamen estetikoen tronpeteria eta ponperia guztia, eta esanez auto bat ederragoa dela Samotraziako Garaipena eskultura baino. Euskarari buruzko manifestuek ere aurrekari puntakoak dituzte. Etxepareren manifestu literario batekin —euskarari aginduz jalgitzeko eta jalgitzeko plazara— jaio zen euskal literatura. Ordutik izan da han-hemen manifestutzat har daitekeen hainbat testu, esate baterako, Manuel Larramendiren Karta ederra Sebastian Mendibururi idatzia eta manifestu baten traza duena euskararen hainbat gaitz —ezjakintasuna, nork bere txokoko euskarari eustea, erdaren eragina eta beste— seinalatuz. Baina, historia laburtu beharrak hartaratuta, egin dezadan jauzi hogeigarren mendera. Ordutik gaurdainoko manifestu ezagunena, Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea bere laburrean. Lehen pertsonan ari da Aresti bertan: ez du inor lotzen, bere burua baino ez, bere aldarriarekin. Euskaldunon belarrientzat ez zen eta ez da oharkabean pasatu nire deitzen diola aitaren etxeari. Gure egin genuen guk Arestiren aitaren etxea, poemak hain esaten baitu maisuki guk sentitzen duguna, baina, paradoxa ematen du, poetaren kontrako setakeria franko eta liskar galankiren erdian egiten genuen bat (Arestiren?) aitaren etxearekin: bat gentozen poeman esaten denarekin, baina poetaren pentsaera politikoak tirria ematen zion jende askori, poeta luzaz egon zelarik ezker-eskuinaren sutetarako zerrendetan. Iragan mendeak eman zuen bete manifestu gogoangarri bat ere. Manifestu atzeratua deitu zion Joxe Azurmendi autoreak, baina testua oso aurreratua da idatzi zen garairako (1968): atzeratzen dena bizitzak zigortzen du, dio esaldi aleman batek, eta gurean atzeratua dena da euskaldunon herri gisako garapena historiak hartara derrigortua; atzeratua dena da euskara debekatua egon zela hainbat mendez; atzeratua dena da ezin dugula herri izan, nahiz “libre izan nahi dugun, zer kulpa daukat nik”, Joxe Azurmendik manifestuan dioen gisa. Iragan mendeak eta mende honek bizkarrean daraman lehen bostenak eman dute testu bat baino gehiago ere euskararen inguruko manifestutzat har daitekeena. Azkenekoak aipatzeko: 2017an, Euskaltzaindiak eskatuta, Patxo Telleriak Ghero antzezlana idatzi zuen eta Tartean konpainiak taularatu arrakasta handiz. Konpainiak dioen moduan, bederatzi istorio dira “euskararen planetaren inguruan grabitatzen. Iaz, berriz, aipagai dudan Harkaitz Canoren manifestuaz gainera, seinalagarria da Aritz Gorrotxategik, Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok eta Pello Otxotekok ezagutarazi zuten Poesia eta pentsamendua izeneko manifestua, hamaika pieza laburrez osatua. Aurtengo urtaroak berak ere eman ditu gutxienez bi: Iñigo Astizek Zu Naiz, Ni zara izeneko manifestua irakurri zuen aurten Zarautzko Literaturian, euskara presentean bizi eta gozatu beharraz, etorkizunak euskarari ekarriko (omen) dizkion deskalabruen paranoiari tati! egiteko gonbidapena eginez. Aurtengo urteak emandako bigarren aldarria, Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua. Interesgarria da, besteak beste, manifestuaren bizpahiru definizio zorrotz ematen dituelako bertan. Arestian emana dut bat, gizarte jakin baten Arrazoiari maskarak kentzearena. Hona beste bat: “manifestu bat da esanguraz bete nahi den aldarri bat”. Liburua ez da euskarari buruzkoa, baina testuak euskarri literarioa du, poema luze baten gisa emana dago aldarria, eta bertan egiten den andrezaharraren defentsa aise aplika dakioket euskarari ere: zahardadeagatik, nekeen zamagatik, azken ordua hurbil sentituz bizi beharragatik. Eta Mari Luz Estebanen manifestuko andrezaharrak bezala, euskara ere, bizi osoan munduaren martxara egokitzen eta egokitzen jardun eta gero, hor ari zaigu esaten bere gorputz zahartutik: “Bien bitartean [Hil artean] munduari beha jarraituko dut, zentzumen guztiak atzarri. Gerta dakidakeen izugarriena ez baita hiltzea, bizi bitartean inguruarekiko ernetasuna galtzea baizik”. Hiru zatitan banatua dago Harkaitz Canoren manifestua. Idazleak mugimendu deitzen die, musika klasikoaren lehen etapako sonaten egitura dakarte gogora. Testuko hiru mugimenduak, musikan bezala, desberdinak dira elkarren artean, tonu eta erritmo aldaketa sarriak daude mugimendu batetik bestera, baina, aldi berean, elkarrekin dira. Lehendabiziko mugimendua oso azkarra da eta jostaria, allegro vivace bat. Tonuagatik, errealitatearen tabernan idatzitako manifestu bat ematen du hasiera-hasieratik. Narratzailea ordenagailuaren aurrean jarri da manifestu bat idazteko bulkadak emanda, baina aurki desesperatu da ordenagailuko sistemarekin, zuzentzaileak zirtzildu egiten baitio idazten duen oro: ote hitza oteé bihurtzen du; baina, vayan; lekura, lokura; manifestu, manifesté; uzten unten… Ondorioa: “Manifesté bat idatzi nahi nuke, baina ez dit unten sistemak” Hitzen etengabeko zuzenketek idatzi nahi duenaren norabidea aldatzen diote narratzaileari, zuzenketen araberako bidean estropezuka doa testua, gatazkatsuak dira esan nahi denaren eta zuzentzaileak derrigortutako bideen arteko harremanak… Hitzen, zuzenketen, moldaketa berrien txinpartek lehertzen dituzten suzirien burrundara egundainoko batek hartua du testua. Becketten Godoten esperoan obrako pasarte luze samar bat, adituek Luckyren monologoa deitzen dutena, etorri zitzaidan niri gogora manifestua lehenbizikoz irakurri nuenean, seguru asko testuak daukan erritmo frenetikoarengatik; baita hitzetik hitzera bitarteko logika ez duelako edukiak ematen, zalapartak baizik; halaber, testua amaraun bat delako, zeinak harrapatzen eta menderatzen eta bil-bil egiten gaituen osoro. Baina laburbilduko bagenu hainbesterainoko tarrapataren atzean —testuaren banbalinetan— dagoena, Harkaitz Canok bete-betean asmatu du zuzentzaile automatikoaren metaforarekin: elebitasun diglosiko subrogatu batek bizi gaitu, menpekotasunaren birikekin hartzen dugu arnasa, hizkuntza boteretsuen eta euskararen arteko joan-etorria —sarriegitan etxe-galgarri dena— dugu errealitate eta horizonte. Praktikan, gure buruarekin ari garenean, edo hizketan, edo itzultzen edo idazten, euskaraz egiten dugun asko eta asko da itzulpen (kontabilizatuko bagenu zenbat, izutuko ginateke): itzultzaile kranealak gara, euskara asko-edo jakinagatik ezin dugu burutik apartatu erdara nagusien itzal zuzentzailea, erreferentzia, eredua. ”Kate honek lotzen nau” kanta primeran datorkion egoera bat, alegia. Idatzi nahi bada, ezin dugu saihestu beti galderak egiten jardun behar etengabea: “eta sistema antibloqueo de frenos?, nola kristobelen esaten da sistema antibloqueo de frenos? Literatura egin nahi bada, ezin ditugu baztertu erdara nagusietatik datozkigun kanonak, prezeptiba literarioak, begiradak, zirtzilkeria niminoenak. Horren kontsolamendua, Sisifo modernoak ote garen, eta ez dago gaizki: Sisifo eta haren duintasuna meritu propioz daude —giza kondizioaren metafora nagusiak direlako— mito ederrenen Parnasoan. Parnasotik haraindi eta infernutik hurbil samar behar duen larri-dei batekin amaitzen da lehendabiziko mugimendua: “Houston, arazo bat daukagu! Deskonektatu autozuzenketa!” Bigarren mugimendua: Autozuzenketa ‘buruzida’ —hala adjektibatzen du Canok narratzailearen idazkuntza— deskonektatu diote narratzaileari, eta plazebo baten gisako tonu eta erritmo pausatuago bat hartzen du bigarren mugimenduak, andante tranquillo samarra, eta, zuzentzailearekin izan dituen harreman kaotikoak atzean utzirik, narratzaileak entzuleok interpelatzen gaitu: zein da ingelesez ikasi zenuten lehendabiziko hitza?, eta frantsesez?, eta italieraz?, eta halaxe beste hainbat mintzotan ere. Galdera horien ifrentzuan beste bat dago, ordea, gaztelaniaz egin beharrekoa logikaren arabera: ¿cual fue la última palabra en vasco que olvidaste? Eta euskarak berak? Zein izango luke galduko lukeen azken hitza? Ez dakigu, noski, baina Harkaitz Canok hiru aukera jartzen ditu aditu apustularien ahotan: gaupasa, akelarre eta zulo. Hiruak begiratu ditut hiztegietan. “Gaupasa: No volver a casa hasta la mañana siguiente, tras desayunar. Típica del País Vasco (Diccionario de la farra española).” “Akelarre: Junta o reunión nocturna de brujos y brujas, con la supuesta intervención del demonio ordinariamente en figura de macho cabrío, para sus prácticas mágicas o supersticiosas. (Diccionario de la lengua RAE).” “Zulo: Lugar oculto y cerrado dispuesto para esconder ilegalmente cosas o personas secuestradas. (Diccionario de la lengua RAE).” Gaupasa, akelarre, zulo… Gaztelaniak bereganatutako hitzek euskararen (gure) irudi ‘sinpatikoa’ utzi behar diote etorkizunari. Aspalditik dator, ohituta gaude: orain mende dezente, euskararen existentzia gehien eta lehenen zabaldu zuen gizonak ere, Aymeric Picaudek, ez zituen oso dotore utzi gure gula eta basakeria. Nolanahi ere: Canoren hipotesian, gaztelaniak aspaldian bereganatutako hitz bat litzateke euskarak galduko lukeen azkena. Gaztelaniaren trofeo bat agian? Hizkuntza txit ahalguztidun baten eskuzabaltasuna ala errukia? Justizia patetikoa? Degluzio inperial ase ezinaren logika? Hirugarren mugimenduak etorkizunari begira jartzen gaitu andante prestissimo erritmoan: —Ehun hitz ikasi urtebetean, euskaraz. […] Ehun hitz desfibrilatzeko. […] Euskara ez da galduko dakigunok hitz egiten ez dugulako, ez dakitenek ehun hitz eder ikasteari uko egin diotelako baizik. Ehun hitz gutxi dira. Ehun hitz asko dira. […] Ehun hitz, ofizioaren arabera. Ehun hitz, adinaren arabera. “—¡TODO EL EUSKERA QUE SABE SIN SABERLO, SEÑOR PANADERO!”. Horra manifestuko proposamen laburra nik are laburrago emana: —Erakutsi euskaraz dakizun apur hori, señor panadero, ez atzera egin, ez gara ba herritar, auzo, lagun eta, guztiaren gainetik, demokrata? Zergatik galdetzen didazu beti dos baguetinas, ez izan lotsa, ez da hain zaila bi bagetina esatea. Gainera, bezeroak ez al du beti arrazoi? Hirugarren mugimenduaren laburpen azkarrak garbi uzten du Canoren manifestuko narratzaileak non ikusten duen euskararen superbitzentzia: okinaren eta okina bezalako herritar ez euskaldunen teilatuan: “Ehun hitzekin ehundu daiteke hizkuntza bat”. Eta, bide batez, egun hitzekin asko egin liteke okinaren mentalitatea aldatu aldera… Azken aurreko manifestua du izena Harkaitz Canoren euskararen inguruko aldarriak. Zergatik azken aurrekoa? Hipotesi dezente egin daiteke horren gainean. Bakar batera ekarriko dut aukeren ugaritasuna (egia esan, ez dakit hipotesi bat den ala nire desideratuma): manifestua azken aurrekoa izateak esan nahi du etorri behar duela azkenak ere, eta asko estimatuko genuke egilea Cano bera izatea. Manifestua idazterakoan ez du ba buruan eduki azken hiztuna? Hortik aise segitzen da ondorioa: balizko azken hiztunak munduari utziko liokeen balizko manifestua darabil Canok buruan bueltaka. Hala balitz, nire hipotesiak nobela posible bat dakar anuntzio. Ikusten ari naiz Harkaitz Cano azken mohikano baskoarena egiten azken hiztunaren larruan jarrita eta haren baitatik idazten balizko manifestua, agian nobela baten forma emanda. Patxo Telleriak 3000 urtean kokatzen du bere distopia. Hemendik zenbat urtera kokatuko luke Canok berea? Zein eta nolakoa litzateke azken hiztuna? Zein hizkuntzatan idatziko luke? Euskaraz, ezin, idatziak ez luke publikorik. Canoren alter egoak beretzat idatziko luke nobela, bere buruarentzat baino ez. Aldiz, nobela beste hizkuntza batean idatziko balu, demagun gazteleraz, Unamuno berpiztu batek garaipen-oihu arranditsu batez egingo liguke ongi-etorri Canori eta negozio honetan gabiltzanoi: ¡Ya era hora! ¡Bien venidos! Distopia totala. Euskarak bere bukaerari buruzko nobela bat behar du ahal den azkarren. Harkaitz Canoren manifestuak azken aurrekotzat dauka bere burua. Baina, aldi berean, bada enegarrena ere. Manifestu askoren artean, bat. Enegarrena. Beste bat euskararen historian; beste bat baino ez Babelek eman dituen manifestuen artean. Gainera, enegarrena dela esateak lekarkeen ondorio etxe-kalte bat saihesten du Canok azken aurrekoa dela esanda: nork dauka enegarren manifestu arrunt bat irakurtzeko gogoa? Cano ez da haririk gabeko puntadak ematen dituen jostuna. Azken aurrekoa dela esanda, testua indibidualizatu egiten da. Enegarrena izango da berez, baina azken aurrekoa dela esaten zaigu. Markatuta dago, zerbaiten esperoan jartzen gaitu. Vladimir eta Estragon gara Godoten zain. Baina oraindik azken manifestua etorri ez denez, auzia da: Canok huraxe noiz idatziko egon behar al dugu (laster beteko da Canok aipatutako bost urteko epea, oreka hormonalaren errebisioa egiteko ordua! ), ala zain egon behar dugu Kronosek euskararen azken ordua markatu eta Thanatosek sententzia exekutatu arte? Canoren manifestuari ez zaio suspenserik falta: azken aurrekoari azkenak ematen baitio segida, bidezkoena litzateke Canoren azken manifestuaren zain egotea. Nik ez dut irakurtzerik izango: nirekikoak lehenago egingo ditu Thanatosek euskararekikoak baino. Canoren manifestuan behin baino gehiagotan ageri da euskararen azken hiztuna sintagma, eta guri, nola ez, azken mohikanoa, Fenimore Cooper nobelako pertsonaia, etorri zitzaigun gogora: herririk gabe, etorkizunik gabe geratu da gizona, ezin dio bere tristura kontatu “bere buruari baino”. Ezin dio bere buruari baino utzi bere eta bere herriaren ondasun behinekoenaren oinordetza. Harkaitz Canok ere gauza bera markatzen du bere manifestuko azken hiztunarengatik, arrazoizko galdera baten bidez: “Hizkuntza bat noiz desagertzen da, azken hiztuna desagertzen den unean ala bat bakarra geratzen denean eta bakar horrek ezin dionean bere buruari baino hitz egin?” Hizkuntza baten azken hiztunak “osotasun destolestua eduki behar al du?”, hori ere galdetzen du Canoren testuko narratzaileak. Alegia, hizkuntzaren azken hatsak nola eragingo lioke euskararen azken hiztunari? Eta eransten dut nik: agian, euskaldun zaharron imajinarioan, beti pentsatu izan dugu azken hiztunak euskara izan duela ama-hizkuntza; edo ez zaigu burutik pasatu pentsatzen jarri behar genuenik ere. Baina euskaldun berri bat balitz? Ama-hizkuntza gaztelania duen Don Benitotik etorritako igeltsero bat adibidez, edo ama-hizkuntza japoniera duen hiztun mahats-biltzaile bat? Urrats bat gehiago: ama-hizkuntza euskara duen balizko azken hiztunak eta ezein ama hizkuntzako euskaldun berrik galeraren sentiberatasun bera luke sustrai? Nago euskaldun berri gehienek ama-hizkuntza euskara izan duen euskaldun askok baino gehiago sufrituko luketela hizkuntzaren galera euskararen azken hiztun izatea egokituko balitzaie. Zer pentsatua ematen du. Gonbidatuek idazle famatuarengan jarria daukate atentzioa. Atsegina da, jario ona du, anekdota atseginekin zipriztintzen du bere jarduna… Bere liburu gehienak itzuliak daude ingelesetik beste hainbat hizkuntzara, aparretik aparrera bizi da. Bere hizkuntzak ez dio arazorik ematen gama espresiboen aldetik, ez gramatikak ematen lanik. Ez du komunikazio arazorik izaten beste hizkuntzen kale eta plazetan. Denak makurtzen zaizkio, berak ez dauka makurtu beharrik. Gonbidatuen artean idazle errumaniar bat dago, Norman Manea du izena. Tratu ona dute, idazle amerikarrak badu Maneak bere hizkuntzarekin dituen zalitasunen, arazoen, galeren berri. Bat-batean, idazle arrakastatsuak diotso, jende guztia, Manea barne, harrituta utzirik: “Antzekoak gara, konturatzen ez bagara ere. Baina alde bat dago: zuk baduzu hizkuntza bat”. Norman Manea zurbil eta ma gelditu da entzundakoa sinetsi ezinik. Amerikarrak hizketan segitzen du: “Eroso bizi naiz, egia da, nire inguru amerikarreko hizkuntzan. Baina zuk zure hizkuntza daukazu, hor dago aldea. […] Nire hizkuntza, akatsik gabea izanik ere, tresna besterik ez da. Nahi dudana egin dezaket hizkuntza horrekin, aitortzen dut. Baina zu zure hizkuntzarekin bat zara.” (Norma Manearen Huliganaren itzulerako pasarte bat neurera ekarria). Euskaldunok negar asko egiten dugu euskararen etorkizuna aipatzen den aldiro. Harkaitz Canoren manifestuari, ordea, umorea eta ironia darizkio, esan nahiko baligu bezala badaudela egon bitartekoak malkoak bezain adierazkorrak; edo adierazkorragoak. Umorea, ironia, absurdoa… Erregistro tonal horietan —bereziki ironiarenean— dabil Canoren pieza, baina Canoren umorea ez da txiste hutsa, ironia ez da moralizantea, absurdoa ere ez errealitatearen ukazio absolutua. Canoren ironia lejia da, errealitatearen orbanak azaleratu eta garbitzeko balio duen produktu eraginkorra. Ironiaren lejia, Canoren luman, inoiz ez da iristen arropa erretzera, eragiten duen ezinegona ukendua da eta ez asuna. Umoreak, ironiari esker, ez dio indarrik kentzen manifestuak salatzen duenari, manifestua ez da, inondik ere, mezu garbirik gabea. Mezuetako bat, agian nagusia eta argiena, “malkorik ez, arren!” litzateke, Canoren beraren Txalorik ez, arren! saiakera labur bezain finaren izenburua neurera ekarrita. Jolasean dakien idazle bat da Harkaitz Cano. Serioa da. Testuko ironiaz ari naiz. Bertako idazkuntza ez da ez neutroa ez neutrala. Bertan ageri diran erreferentziak ere ez. Harkaitz Cano gutxi irakurri duenak ere badaki Harkaitz Canorena dela manifestuko ahots hori. Idazle batentzat sari ederra da, agian ederrena, testu bat usaindu orduko irakurleak norena den jakitea. Ahotsa deitzen zaio. Manifestutik asko erakartzen nauena, geruzak dituela, manifestuen izaera tradizionala traizionatzeraino. Manifestu bat aldarria da definizioz, statu quo jakin bat gainditzeko deia, eta forma asko har ditzake …— arenga, perorata, sermoi, alegato, bando, disertazio, libelo, aldarrikapen, proklama, deklarazio…—. Forma bakoitzak bere tonu propioa du. Baina deitu modu batera zein bestera, baliatu tonu jostaria zein solemnea, manifestu batek zuzen zehatza izan behar du, argia, zalantzarik eragiten ez duena, auziak garbi seinalatuko dituena jendea adoretzea helburu. Ez, aldarri bat ezin da egin zalantza barreiatuz, ezta mezua lausotuz ere xehetasunekin, ironiarekin, anbiguotasunarekin. Tradizioaren arabera, behintzat, hori da aldarri baten ezaugarrien motxila. Hala ere, berriro diot: Canoren manifestutik asko erakartzen nauena, geruzak dituela. Aldarri bat geruzekin: oximoron bat da, kontraesan bat buruko soilgunetatik hanka-puntetaraino. Harkaitz Canok, ordea, geruzez gainezkatu du bere manifestua. Aldarri bat tolesdurekin? Ba, bai: Canoren azken aurreko manifestuak leihoa zabaltzen dio interpretazioen anbiguotasunari. Baina zeren azken aurreko? Galderek-eta egiten dute eder, ez soilik benetako. Euskararen errealitatean askotan eta askotara ematen da mentalismoa, gure buruaren indar hutsarekin errealitatea alda daitekeela sinestea. Euskaldunon kasuan, gure mentalismoa da euskararen egoera aldatu nahi izatea baina ezer gutxi eginez euskararen alde, ezer gutxi emanez euskarari. Garai batean Estatuko telebista bakarrean maiz agertzen zen Uri Geller mentalista bere begirada hutsarekin alpakazko koilaratxoak doblatzen haiek ukitu ere egin gabe. Uri Geller koilaratxoekin nola, halaxe dabil euskaldun asko euskararen inguruan. Canoren manifestuko ahotsak zortzi aldiz darabil mentalismo hitza testuan zehar. “Manifestu hau ez da mentalismo ariketa bat”. Esaldiari dogmatikoegia iruditurik-edo, manifestuak zalantzan jartzen du esan berri duena: “Tira, apur bat bai, manifestu guztiak dira mentalismo ariketa”, egiten du ziabogatxoa. Beste hiru aldiz errepikatzen da afirmazioaren eta auto-zuzenketaren sekuentzia, manifestuak hirutan aitortzen du eszeptizismoa. Balirudike ahotsaren—Canoren beraren— asmoa ez dela mentalismoa egitea, manifestua zinez eraginkorra izatea baizik, baina ez du ematen oso seguru dagoenik hartutako lanak inolako fruiturik emango duen. “Hizkuntza, hitzak, estiloa. Azken ehun urteotan desagertu dira inoiz entzun edo irakurri ez ditudan hizkuntzak. Beti piztu dit jakin-mina hizkuntza baten azken hiztunen heriotzak. Zer gertatzen da halakoetan? Zein de beren azken pentsamendua? Imajinatzen ditut hitzak une batez flotatzen hildakoaren gainean, kontzientzia guztiarekin ez direla lurrera itzuliko. Pentsamendua espresatzen da hizkuntzan ere. Nolakoa ote da pentsatzea inork inoiz gehiago entzungo ez dituen hitzekin?” (Cees Nooteboom, 533 egun).
1. Makal eta bakarrik sentitu zen 2017ko apirilaren 25a, asteartea Manu makal zebilen. Azken egunetan nekatuta eta gaixo sentitzen zen. Eskerrak premiazko lanik ez zuten. Udaberri lehor eta bero samar hartan hotzeriak jota ibili zen aurreko egunetan, eztarriko minez eta mukiak jario. Gero eta okerrago zegoela ikusita, etxean geratu zen egun hartan, Frenadol, infusio beroak eta eztia pilaka hartu zituelarik. Esnatu zenean, leihotik begiratu zuen. Kalea bustita ikusten zen. Euria egin zuen aurreko eguneko arratsaldean eta gauean zehar. Aspaldian egiten ez zuenez jendeak eta batez ere nekazariek gustura hartu zuten euria. Gosaldutzen zuen bitartean berriak entzun zituen: orduko, Frantziako presidentzialetarako bigarren itzulirako Macron eta Le Penen emaitzak eta posibilitateak ziren mintzagai. Iruñeko erdigunean liburu-azoka jarri zen aurreko egunetan eta bertan saltzaileek loreak oparitzen zituzten. Liburu aurkezpenak eta zenbait lekutan, institutuetan besteak beste, irakurketak antolatzen ari ziren astean zehar ospatzeko. Esperanza Agirrek dimititu zuen, bere babespeko Ignacio Gonzalez eta Granados ustelak izanda, kontrolatu ez zituelako. Bazirudien berri berdinak behin eta berriz entzuten ari zirela azken egunetan. Aspertuta sentitu zen. Aurreko eguna etxean pasata, hobe zegoelakoan, azken kasuen material eta txostenak ongi uztekotan autoan lanera itzuli zen. Bakarrik ibili zen lanean, Jaker, denbora osoko lankidea, Tuteran zebilen han inguruko diskoteka batean suertatutako kasu berri bat ikertzen. Kontaktu-web batzuetan droga eta prostituzio iragarpenak egiteaz gainera, bortizkeria erabiltzeko ahalmena aipatzen zuten. Maribel Erbitik, diskoteka bateko nagusia, gameluak, txuloak eta prostitutak ezin kanporatuz bere diskotekan izandako arazo handiak konpontzeko Jakerren laguntza eskatu zuen zuzenean eta Interneten gaizkileek zuten plataforman ikertzeko . Manuk gaizki egin zuen lanera itzultzeagatik, erdi sendatutako katarroa berriro indarrez agertu baitzen. Horrek berriro etxeratzera eta ohean sartzera eraman zuen. Egun osoa ohean pasa zuen. Komunera joateko eta infusio-eztia hartzeko izan ezik, ez zuen ezer egin. Etzanda zegoela, lokamutsean ibili zen, ideia eta imajina txar batzuk errepikatzen. Une batean, konturatu gabe, loak hartu zuen erabat. Amets aldrebesak izan zituen. Lehen erdi esna pasa zuena, amets gaiztoetan errepikatu zen, gehienetan, irudi nahasi eta laburrak zentzurik gabeak. Haien arteko bat, dena den, luzeago eta beldurgarriagoa izan zuen: Filorekin egin zuen amets edo. Emakumearen gaztetasuna nabariagoa zen, hamazortzi urteko gaztetxoek egun haietan bezala janzten baitzuen, udatiar, shorts eta top bana jantziz. Irribarretsu hurbildu zitzaion, besoa sorbaldatik pasatuz, lagun handiek egiten duten bezala. Belarrira xuxurlatu zion. –Manu, kontuz ibili. Ez fidatu eta zain ezazu zeure burua –berak, harrituta, galdetu zion. –Zertaz ari zara? Kendu gainetik eta erradazu zer gertatzen ari den. –Filo pixka bat urrutiratu zen eta eta begi klikada berezia eginez, zerbait kontatzeko keinu izoztuan geratu zen. –Manu kontuz nirekin eta nire oraingo nagusiarekin. –Manuk nagusia nor zen galdetu nahi zion. Filok irri gaiztoa eskaini zion, zentimetro batera eta mingainarekin ezpainak miazkatuta jarraitu zuen–: itzaletan, zuri begira, harrapatzeko unea espero dugu-eta. Izerditan esnatu zen. Premoniziotzat hartu zuen amets gaiztoa. Egunean zehar Joxek, Felixek eta Patxik deitu zioten telefonoz nola zegoen galdetzeko. Amaiak eta Mirenek ere egunero deitzen zioten, baina Junek eta Mikelek ez. Bi egun lehenago haiekin hitz egin zuenetik Manuk haien falta sentitu zuen, seme-alaben solasa. Horregatik izango zen triste egote hori. Arratsean hobeki zegoen eta betiko infusio-eztiaz gain aurreko eguneko oilasko-arroza berotu zuen zerbait ahoratzeko. Liburu batekin asperraldia pasatzekotan zegoela jaso zuen telefono-dei bat. Seme-alabak ziren. Egiten zituzten galderengatik beraren osasunarekin oso kezkatuta zeudela erakutsi zuten. Aurreko egunean Mirenek ez omen zien deitzen utzi, ez molestatzeagatik. Gau hartan ongi egin zuen lo eta goizean hobeki sentitu zen. Ez zen gauza gehiegi mugitzeko, baina etxeko paperak antolatzen eta haien garbiketa egiten aritu zen. Laneko aferak ere errepasatu zituen. Jakerrek enpresa batean ikertu zituen delituak izan ezik, une hartan ez zuten lan handirik eta izandako kasuen txostenak ia osatuak zituen ordurako. Arratsaldean ia sendatuta zegoela pentsatu zuen eta kontu handiz eginez gero, bizitza normala egiten hasiko zen biharamunean. 2. Emakumeen salerosketa Apirilaren 26a, asteazkena Hurrengo egunean, gosariko orduan ustelkeriari buruzko berri bat zabaldu zen: beste alderdi politikoek dimisioa eskatu zioten Catala Justizia ministroari. Ikertzailea hobeki sentitu zen goiz hartan. Kalera atera eta erosketak egiten ibili zen eta eguerdian Felixen tabernatik, Toki Alaitik pasa zen. Hamabietan, kafe eta hamarretarako ordua pasa zenez, lan gutxi zuten eta Felix ere erosketak egiten ari zen. Gabrielak sukaldean plater bat prestatzen ari zen. Oilo-zopa goxo bat egin nahi zuen. Manu gaixoa ikustean bere osasunaz arduratu zen. –Kaixo, Manu. Ikusten dut hobeki zaudela. Nahi al duzu infusioren bat edo nahiago duzu barrako pintxoren bat? –Kaixo Gabriela. Bai, ongi nago eta erosketak egitera atera naiz. Gustura hartuko nuke oilo-zopa hori. –Ordu erdi batean egina egongo da eta Felix itzuliko da bazkarietarako falta zaizkigun elikagaiekin. Bitartean, eguneko platerak prestatzen lagundu ahal didazu. –Zure aginduetara. Kamaran nire erosketak utzi eta gustura lagunduko dizut salda goxo baten truke. Biak lanean eta solasean aritu ziren. Felixen etorrerarekin Gabrielak beste plateren prestaketari ekin zion. Ohitura zutenez Felixek zerbait bazkaltzen zuen jendea agertu baino lehen. Egun hartan Manuk eta biek bazkaldu zuten oilo-zopa eta haragi plater goxo bat. Bukatzen ari zirela, Jakerren deia jaso zuen ikertzaileak. Jantokian beste inor ez zegoenez tabernaren beste aldera mugitu zen ez molestatzeko. –Kaixo Manu. Kasua uste baino korapilatsuagoa izan daiteke eta ez naiz berehalakoan Iruñera itzuliko. –Kaixo Jaker. Zer gertatu da? –Dakizunez, Maribel Erbiti enpresariak laguntza eskatu zigun prostituzioa bere diskotik kanporatzen laguntzeko. Egia da kontu zaila dela iragarkiak eta harremanen hastapenak web baten bidez egiten dituztelako eta antolatzen duen sareak prostitutak bidaltzen dituelako... –Hori bagenekien. Jaker, zerbait gehiago jakin duzu egun batzuk pasata? –Beno... Utzi kontatzen. Nazkagarria da emakumeen trata eta sadismoz tratu txarrak eta bortizkeria bultzatzen dutelako. Bestalde, lanaren ikuspegitik kasuaren txarrena gaizkileak eta prostitutak topatzeko zailtasuna da. Baina, gainera, ezin da web hori kontrolatzea, konplikatua delako. Web-Sakonnean da, sare ezkutu horretatik ari dira dena bideratzen eta oraindik ezin izan dut gauza handirik egin. Maribel Erbitik ulertzen du auzia argitzea eta arazoa konpontzea kostatuko zaigula. Beste diskoteketako nagusiek ere eskatu didate laguntza. Enpresen datuak eta helbideak bidaliko dizkizut korreoz. Kontatu didatenez Erbiti andrearekin egin dugun kontratua bezalakoa onartuko lukete. Ez zenuen espero ezta? –Ez. Erran nahi al duzu diru sarrerak biderkatuko ditugula? Nola da posible hau? Auzi zaila topatu duzun arren, oraingo bezeroa mantentzeaz gainera beste batzuk lortu dituzu. Nola egiten duzu magia hau? Azaldu, mesedez. –Lasai hartu Manu. Auzi konpartitua bezala, kontratu anitz gauzatu ahal duzu. Ikusiko duzu ez duzula arazorik izango, denak ados daudelako... –Erran nahi duzuna da konbentzitu dituzula. Eta laguntza emango dizkizuten “kolegei” nola ordainduko diegu? Behar al dituzu? –Ez kezkatu. TOR sisteman eta Internet Sakonean sartzeko behar beharrezkoak ditut. Txanpon edo diru birtualen bidez ordainduko diet. Zu ez arduratu. Enpresariek osagarri bat ordainduko didate horretarako. Zuk begiratu korreoan bidali dizkizudan datuak eta egin itzazu kontratuak... –Ados. Arratsaldean deituko diet bezero berriei eta arazorik ez bada kontratu anitz hori bidaliko diet. Hitz egin behar dugu lasaiago. Zerbait gehiago al duzu? –Momentuz ez zait bururatzen. –Ongi da. Ongi ibili Jaker. –Ongi izan Manu. Orain konturatu naiz ahotsagatik hobeki zaudela. Ikertzailea desenkusatu zen traba eta dei luzeagatik eta bazkariarekin jarraitu zuen. Berehala bezeroak agertu ziren eta lagunak utzi zituen lanean. Manuk lo-kuluxka egin ondoren lanera abiatu zen kontratuak gauzatzeko. Jakerren korreoa ireki zuenean harritu egin zen diskoteka kopuru handiagatik. Maribel Erbitik laguntza eskatu zienean adierazi zien bere diskotekan droga saltzaile eta prostituta batzuk agertzen zirela eta kanporatuta ere itzuli egiten zirela. Kontua zen, nonbait, bazegoela sare bat prostituzio eta drogari propaganda egiten eta babesa ematen. Behin eta berriz agertzen ziren gaizkile berberak edo beste batzuk. Poliziek ezer gutxi egiten ahal zuten. Azkenean, Erbiti andreak gainetik kentzeko ikertzaileei laguntza eskatu zien, sarearen jatorria topatzeko eta sare horretatik libratzeko. Diskoteka eta antzeko kluben zerrenda espero baino luzeagoa zen. Hamasei bat diskotekak, Tutera inguruko biez gainera, Zaragoza, Logroño, Gazteiz, Bilbo, Donostia eta baita Iruñean ziren. Denek Erbitiren arazo berbera zuten eta arazorik gabe onartu zuten kontratu anitz hura, bakoitzak gutxiago ordaintzearen truke. Jakerrek ongi konbentzitu zituen. Hitz egin zuenagatik inork ez zuen sare hartatik libratzeko modurik dirutza ordainduta ez bazen. Sareak Europa mendebalde osoan egiten zuen lan eta Jakerrek harremana zuen beste hainbat lekutako nagusi eta hackerrekin. Denen laguntzaz, baita Interpol eta tokian tokiko poliziekin koordinatuta, zerbait egitea espero zuten, baina ez zen erraza izango. Egun hartan neke-neke eginda geratu zen sendatu berritan horrenbeste jenderekin mintzatu ondoren. Oso berandu ez bazen ere, etxeratu eta afari-merienda egin ondoren telefonoz hitz egin zuen Patxi, Felix eta seme-alabarekin eta oheratu zen. Apirilaren 27a, ortzeguna Goizean goiz esnatu zen. Irratia piztu eta kafea prestatu zuen. Eguraldi eguzkitsuagoa espero zuten, baina tenperatura baxuak eta haizeak nabarituko ziren. Berrietan entzun zuen konpetentzia esklusiboak hartuz gero polizia foralak jende gehiago beharko zuela. UPNAk gradu berri gehiago izango zituen. Baina berririk komentatuena izan zen Barcelonak Osasuna 7-1 garaitu zuela eta gorritxoak bigarren mailara jaitsiko zirela. Manu lanera mugitu zen. Bezero berriei kontratuak bidali ondoren prostituzio eta droga-sarearen arazoaren aurrean nola jokatu behar zuten pentsatzen geratu zen. Garbi zegoen ezin zirela ibili edozein prostitutaren atzetik. Lokalen nagusiek eta poliziek lan gehiago zuten. Sareek prostituzioaren inguruan sortzen zituzten bestelako delitu larriak: droga arriskutsuen salmenta eta tratu txarrak. Interneten bidezko negozio ilun hartan jatorria topatzeko, Jakerrek berak egingo zuen bilaketa. Ez zen erraza izango estrategia apropos bat aurkitzea. Dena den, errekurtso guztiak erabili behar zituztela garbi zuen. Poliziekin hitz egin behar zuen. Ordua zen harreman estua gauzatzeko. Ez zuten ezer lortuko elkarri laguntzen jokatzen ez bazuten. Jabier Lopezekin hitz egin zuen. Komisarioak arazoaren gora-beherak jarraitzen zituen azken aldian eta Manuren zentzu berean ari zen. Manuk deitu zuenean diosalak eginda, gizonak berehala sartu zen gaian. –Manu, ez dakizu nola ibili garen azken asteetan. Betidanik izan da prostituzioa hainbat disko, klub eta pubetan, baina orain badirudi horren inguruan, tratu txar ikaragarriak eta droga erabilera arriskutsuak biderkatu direla... eta Tutera eta ingururann izan dira kasu gehienak... –Bai. Handik deitu ziguten diskorik garrantzitsuenaren inguruan bortizkeria, droga arazo larriak eta erailketa kasu bat eman direlako. Dena den, ez al da kasualitatea izango? –Bestela gertatzen da orain. Leku askotan gertatzen ari dira kasu kezkagarriak eta bortizkeria handiaz, gainera. Mafia arriskutsu bat sartu zaigu Portugaletik Italiara eta Ingalaterratik Alemaniara zabaldu dena. Badirudi Latinoamerikako mafia talde batzuek sortu dutela eta Internet Sakonetik gauzatzen dutela beren negozioaren alderik ilunena. –Horregatik ari da Jaker bilaketan. Tuterara bidali nuen ni makal nenbilelako eta berak kaleko praktika gehiago behar duelako. Erran eta baieztatu didanez Web Sakonean ongi gordeta ari dira negozio ilunak bideratzen. Neskak ere engainatzen omen dituzte tratuan sartzeko. –Bai. Niri baieztatu didatenez modelo sartzeko konbentzitzen dituzte. Badirudi berriro egin beharko dugula lan elkarrekin. Sail teknologikoan hasi dira lanean, baina Jackerrekin elkarrekin egin beharko dute. –Hala da. Ea egoera larri honetatik ateratzen garen. Jabier, edozein berri izanez gero deituko zaitut. –Gauza bera diotsut. Gero arte. Ikertzailea denbora luzez pentsatzen geratu zen. Pistak aurkitzeko bidea, mundu digitalean Jakerrek egiten zuen saiakeraz aparte, prostituzio eta tratu nazkagarri hartan behartutako neska gaixo haiek topatzean zetzan. Matazaren haria. Jakerri kontatu zion eta ados zegoen. Sareko neska gaixo bat edo txuloak topatzeko, taldeko guztiek sarekada bat antolatu behar zuten gertaera lekuan, Tuteran alegia. Lauron artean eta Maribelen laguntzarekin matazaren haria topatuko zuten. Gorkarekin hitz egin zuen. Larunbat gauerako Tuteran izango ziren. Eguerdian Manu auzoan bazkaltzera jaitsi zen. Toki Alain ez zegoen leku librerik ezta barran ere eta momenturik txarrenean heldu zenez traba eginen zuelakoan etxera joan eta edozer bazkaltzeko ideia egin zuenean, mahai batetik bazkaltiar bat altxatu zen. Mahaiko beste bazkaltiarrak ezagunak ziren, inguruko supermerkatu bateko langileak eta egoeraren jakitun beraiekin esertzera gonbidatu zuten Manu. Txitxirioak jaten zituen bitartean besteek postreetan ziren eta kafeen esperoan solas bitxia zuten. Beste hiru gizonetatik bi heldu samarrak ziren eta bestea gazteagoa, haiek ezkonduta eta seme-alaba kozkorrak zituztenak eta gaztea ezkongabe. Azken honek ez omen zuen ligatzen itsusi izateagatik eta zaharrek zirikatzen zuten txantxa giroan. kasualitatez gaia prostituzioa zuten. –Mikeltxo, ezin baduzu ligatu, bilatu profesional bat. Entzun dudanez zure desiorik ezkutuenak beteko dituen prostituta aurki dezakezu –aipatu zuen gizon meheak–. Anima zaitez eta kontratatu ordu bateko saioa zure fantasiak egia bihurtzeko. Beste gizon helduak ez zuen mehearen tonu zirikatzaile ontzat hartu eta serioagoa edo, babestu zuen gaztea. –Pello, utzi mutila bakean. Mikeltxok aurkituko du neska bat egun batean. Mutiko, ez izan presarik eta ez egin kasurik zahar horrek dituen fantasiei! Manuk jateari utzi zion. Ez zituen gehiegi ezagutzen hiru langileak, baina tonuarengatik lankide eta lagun-giro hartan gonbidatuta sentitu zenez eta jakin-minez Pellori galdetu zion. –Pello, non aurki daitezke desio ezkutuenak beteko dituzten prostitutak? Barkatu, baina badakizu ikertzailea naizela eta kasu batekin zerikusia izaten ahal duenez zerbait jakin nahi nuke –gizonak arazorik gabe erantzun zion. –Ez izan kuidadorik. Entzun diot oso festazalea den bezero bati Interneteko web batean horrelako zerbitzuak kontratatu daitezkeela. –Zein web-etan... ba al dakizu? –Erran zidana zen “PSS“ bilatzaileetan jarriz gero zerbitzu horiek ematen dituen prostitutak kontrata ditzakezula. –Mila esker informazioagatik. Kopara gonbidatzen zaitut. Handik gutxira langile haiek joan ziren eta Manuk bukatu zuen bazkaria. Hala ere, ahaztu baino lehen Jakerri PPS bilatzeko eskatu zion mezu bidez. Bazkaldutakoan atseden hartzera joan zen etxera. Ordu batzuk beranduago, Jakerren dei bat izan zuen. Gazteak baieztatu zion web hartan, PSS-n edo Prostitution Special Services-ean, zerbitzu bereziak eskaintzen zituztela eta dirua ordainduta jendeak nahi zuen tokian ematen zituztela. Web hori hain zuzen ere bazirudien egokitua inguru hartara, zeren eta penintsulako iparraldea aipatzen baitzuen. Horrek erran nahi zuen beste web batzuk izango zirela eta Interpol-i eta beste ikertzaileei pasatu zieten informazioa. Bestetik, ikertzaile digitalak modeloak izateko eta bilatzeko web batzuk topatu zituen Afrikako eta Hego Amerikako herrialde batzuetan erabiltzen zituztenak. Arratsaldean Manu itzulia egitera atera zen lagunekin. Gustura ibili ziren eta merienda antolatu zuten, behin itzuli zirenean. Beranduago, iluntzean, ikertzaileak etxekoei deitu zien ongi zeudela segurtatzeko. Apirilaren 28a, ortziralea Eguraldia hobetzen ari zen, baina haize freskoa nabari zen. Manuk berriak entzun zituen gosaldu bitartean. Podemos-ek zentsura-mozioa aurkeztu zuen PP-ren gobernuaren kontra ustelkeriagatik. Beste alderdi politiko handiek ez zuten aintzakotzat hartu eta antzezteaz hitz egiten zuten. Nafarroan UAGN-k laguntzetan diru jasotze ilegalak izan zituela zioten egunkariek. Nafarroako langabezia-tasak estatuko txikienak zirela zioten. Bulegoan, Manuk lan burokratikoa egin zuen denbora luzez. Dena den, buruan eta gogoan hurrengo eguneko lana zuen. Ortziralea zen eta larunbat gauean egin behar zuten zaintza eta bilatze berezia antolatu behar zuten. Diskoteken nagusiekin geldituak ziren eta ekipoa ere prest egonen zen. Hala ere, badaezpada ere polizien laguntza behar zuten. Espero bezala, Jabierrek deitu zion errateko beraiek diskoteken inguruan eginen zutela zaintza lana. Ikertzaileei eta nagusien langileei utziko zieten zuzeneko zaintza. Baina beharrezkoa izanez gero, prest egongo ziren laguntzeko. Jabierrek horrela adierazi zion lagunari. –Manu, mafia arriskutsuak izaten dira prostituzio bereziaz arduratzen direnak. Ibil zaitezte binaka elkarrekin, aparte aritu gabe. Beranduegia delako, bestela foruzain banarekin ibiltzeko antolatuko nuke. Hala ere, ez gara urruti izanen –Manuk ez zuen berdin ikusten eta adierazi zion. –Primeran, eta prostituta guztiek kilometrora ikusiko gaituzte. Eskertzen dizut ardura, baina guk ere gure lana egin behar dugu. Espero dezagun prostituta horietakoren bat atzematea eta informazio esanguratsua lortzea. –Nolako hizkera jasoa duzun! Seriotan, Manu, benetan arriskutsua da horiek harrapatu nahi izatea, beraiek harrapatzen ahal zaituztetelako. –Ongi da. Kontu handiz ibiliko gara eta zuek erne ibil zaitezkete –erran zuen txantxetan. Hurrengo eguneko gauean han ibiltzeko azken prestaketak egin zituen Manuk. Lontxo eta Gorkari elkarrekin geratzeko mezua bidali zien. Nolanahi ere, etxekoekin gauzak argitu behar zituen. Aitarekin hitz egin zuen. Mirenekin ere asteburuaz mintzatu zen. Emazte ohiak larunbatean lan egin behar zuen eta haurrek aitona-amonaren etxean pasatuko zuten gaua. Igandean denak elkartuko ziren bazkaltzeko eta arratsaldea elkarrekin pasatuko zuten carting edo bolatokian denbora-pasa ederra egiten. Eguerdian bazkari legea egin zuen. Goiz zen eta etxean atseden hartu zuen. Arratsaldean ez zen lanera joan, nahikoa egingo zuen hurrengo egunean eta ordu batzuetan ahaztu nahi zituen lan kontuak. Ahaztu edo alboratu behintzat. Aspaldian ez zuen denborarik hartzen lagunekin lasai egoteko eta deitu zien lehenago elkartzeko. Ortzirale eta larunbatetan, batzuetan denbora luzeagoz egiten zuten ibilaldia. Toki Alai tabernan Joxe eta Patxirekin elkartu zen Manu. Felixek langile berria agertu arte egon behar zuen lanean. Bitartean, bikote bat eta lagun talde txiki bat izan ezik, beste bezerorik agertu ez zenez eta zeudenek ezer gehiago behar ez zutenez, lagunak lasaitasun ederrean izan ziren barraren bi aldeetan kafea hartzen. Konturatu gabe, Manuren lan berriaz aritu ziren mintzatzen. Beste kasuekin konparatuz, ikertzaileak esku artean orduan zeukan kasuan ez zen izenik edo pertsonaiarik babestu behar, eta ez zuten konfidentzialtasunik gorde behar. Mafiako nagusiak bilatu eta prostituzioan behartutako neska gazteak babestu behar zituzten. Patxi zen haserretuena. –Manu, behar baduzue jenderik, kontatu nirekin. –Baita nirekin ere –Joxek ere kontzientzia handia zuen, baina ez buru nahikorik. Felix zen hotzen mantendu zena eta arrazoiak eman zituen segidan. –Zuek enbarazu baino ez duzue sortuko. Manuk laguntza behar izanen balu, gure esku izanez gero, laguntza eskatuko liguke. Ez al da, Manu? –Bai. Felixek arrazoi du. Arriskuan egoten ahal zarete eta baita sortu ere. Badakit lagundu baino ez duzuela nahi, baina emakume-salerosketan ibiltzen diren gaizkileak eta nagusiak harrapatzeko jendea baino gehiago behar duguna suertea da. –Ez zuten solasa gehiegi luzatu. Laster langile berria agertu zen eta Felixek utzi ahal izan zuen lana lagunekin ibiltzeko. Arratsalde hartan itzuli luzea egin zuten. Nekatuta eta pozik merienda egin zuten. Gauean, Manu Amaiarekin geratua zen. Kanpoan izana zen lanean eta asteetan ez ziren elkarrekin egon. Manu eta Amaia ofizialki bikote-lagunak ziren. Izatez edozeren gainetik horixe ziren, lagunak. Manu bananduta zegoen, baina ordura arte dibortziatu gabea. Ongi konpontzen zen emazte ohiarekin, baina beste pisu batean bizi zen ezkongabe bat bezala. Banandu eta hilabeteetara ezagutu zuen Amaia. Lau urtez maitaleak izan ziren, bai, baina aspaldian ez ziren askotan elkarrekin ibiltzen. Beraien lanengatik ez ziren maiz elkartzen eta bazekiten ez zutela etorkizunik bikote bezala. Hala eta guztiz ere, lagun handiak ziren eta elkarrengan konfiantza zuten. Ikusi gabe hiru aste pasa zutenez, bazuten zer kontatu eta horretan pasa zuten afaria bitartean. Gero, pub batera joan ziren kopa bat hartzera eta dantza pixka bat egitera. Kopa pare bat gehiago hartu zuten eta konturatzeko erdi mozkortuta zeuden. Manu, Amaiaren etxean geratu zen lotara. Apirilaren 29a, larunbata Hurrengo egunean berandu eta buruko minez altxatu zen Manu. Amaiak gosaria prestatu zuen eta denboratxo bat pasa zen gizona mintzatzeko gauza izan arte. Egun eguzkitsua eta tenperatura oso baxuak zituzten. Irratiko berriak entzun zituzten: Sanferminetako kartelerako “Carabinagre”rik xamurrena izendatu omen zuten garaile eta mundu guztiak “Carabinagre” bai ala ez. Comptos-ek Ultzamako biogas plantan xahututako hiru milioi ikertzeko eskatu zion Fiskaltzari... Manu hobeki zegoen aspirina hartu ondoren. Amaia serio mintzatu zitzaion. –Manu, gero eta zaharrago zaude! –Hara besteak! Zu gero eta gazteagoa! Egitan erran behar dizut oso ongi zaudela! –Ez haserretu! Zaharrago baino serioago zaudela erranen nuke. –Arrazoi duzu, kezkatuta eta haserre nabil. –Ulertzen dut. Emakume gaixoak, edonoren bortizkeria jasan behar izatea ere! Auzora jaitsi zenean Manuk erosketak egin zituen eta alaba-semearekin pasatu zuen eguna. Edonola ere, buruan gaueko lana zuen eta ez zuen nahi bezala atseginez eta gustura eguna pasa. Haurrak agertu zirenean Iruñeko alde zaharrera igo ziren goiza pasatzera. Paseatzen egon ziren eta eguerdian pizzeria batean bazkaldu zuten. Arratsaldean bolatoki batera joan ziren eta afari-merienda egin zuten. Arratsean, haurren gustuko entsalada txakarekin eta tortilla afaldu ondoren amona-aitonarenera joan ziren gaua pasatzera. Manu, Gorka eta Lontxorekin elkartu zen Tuterara abiatzeko. Han, Namoon Music diskotekaren kanpoaldean elkartu ziren Jaker eta Lala bere neskalagunarekin. Jende asko biltzen ari zen. Tuterako Namoon, Feel Good, Vegeta disco eta Cintrunigoko Casio Dancing Club inguruan gertatuak ziren arazo larriak eta bi erailketa. Hildako bat, koman larri izan ondoren aurreko egunetan hil zen. Aspalditik sumatu zuten prostituzioaren inguruan mugimendu dezente. Baina bi aste lehenago bi leku desberdinetan agertu ziren bi emakume, haietako bat hilda eta tortura larriak jasan zituztela garbi zegoen. Zentronikoko diskoaren inguruan ere erdi hilda aurkitu zuten beste bat. Hark snuff edo tortura eta erailketa errealez egindako filmak egiten zituztela adierazten zuen. Prostituta haien ezaugarriak berdinak ziren: oso gazteak, hemezortzi urte ingurukoak, izugarri politak eta mehe samarrak ziren. Aurreko astean, hildako bat disko handi haren ondoan agertutakoan, Maribel Erbitik Namoon-eko nagusiak haiek kontratatu nahi izan zituen hilketen jatorria topatzeko eta horrelako ezbeharrak ekiditeko. Ordutik masokistentzako web-orri haietaz hitz egin zuten diskoetako nagusi batzuek eta Maribelek Jakerren lana ezagututa, kontratatu nahi zuen. Gorka eta Lontxo hurbil zegoen beste diskora abiatu ziren eta Manuk, Jakerrek eta Lalak, Namoonen bilatu zituzten ezaugarri fisiko ezagun haiek zituzten emakumeak. Ez zen erraza izango prostitutak itxuragatik desberdintzea. Ondo-ondotik, janzkeran, makillajearen ñabarduretan eta bereziki jarreragatik nabarituko zuten bilatzen zutena. Maribelek eta bere hurbileko batek lagunduko zieten bilaketan. Emakumeak adierazi zien nola jokatuko zuten. –Matik lagunduko dizue txoko guztietatik bilaketan. Manuk eta biok egingo dugu hemendik beste diskora. Aipatu duzuen neska mota hori leku apartatuetan eta taldeetan baino, bakarti edo kopuru txikiko gizon taldeetara hurbiltzen dira bezero bila. Ikertzailea eta nagusia jende multzoen artean mugitu ziren. Musikaren erritmoan mugitzen zirenen artean pasa ziren. Ziur aski ez zuten bilatzen zutena dantzari haien artean topatuko. Sumatzen zutenez, leku zehatzetan geldituko ziren bezeroekin web-orrien txataren bidez. Disko barnetik itzuli bat egin ondoren, sarrera nagusian eta inguruan begiratu zuten. Aparkalekua ez zen handiegia, baina inguruko zinema, jatetxe, hotel eta enpresen aparkalekuak erabiltzen zituzten bezeroek. Txoko asko zeuden eta autoen artean jende anitz ibiltzen zen. Bilatzen zuten tankerako neska bat baino gehiago topatu zuten. Protokolo bat egina zuten bilatzen zutena zela egiaztatzeko. Hala egin zuten behin baino gehiagotan. –Kaixo neskak. Maribel Erbiti naiz, diskotekako nagusia eta hau Manu nire laguna. Zuek bezalako neska baten bila gabiltza. Neska batek ihes egin du etxetik, baina familian arazo larri bat daukate eta haren bila dabiltza. Erakutsiko al diguzue Nortasun Agiria mesedez? Hego-Amerikako neska bat baino gehiago topatu zuten. Hala ere, ez ziren bilatzen zituztenetakoak. Adin txikikoa behar zuen izan. Beste diskora bidean, leku guztiak miatu zituzten, txokorik utzi gabe. Zenbaitetan Manu urruntzen zen Maribelen bistatik inor urrutiratzen zen ikusteko. Halaxe topatu zuten bakarrik zegoen gaixo hura. Maribelek neska batzuei galdetzen zien bitartean, beste bat ezkutatzen ari zela nabaritu zuen ikertzaileak. Harengana disimulurik gabe hurbildu, besotik hartu eta dokumentazioa eskatu zion. Neskak, beldurrez, polizia zelakoan, eman egin zion. Maira Robles Kolonbiakoa zen eta hamazazpi urte bete berriak zituen. Ez zen bilatzen zuten itxura betekoa: ez zen hain mehea. Urduri zegoen eta ikaslea zela zioen. Dena den, prostituzioan ari zen dudarik gabe. Maribelek, lagunduko ziotela konbentzitu zuen eta elkar-lekura eraman zuten. Jaker eta Lala Iruñera itzuli ziren beren aldetik. Gorka eta Lontxo, Maribel, neska eta Manu, bostak Iruñera abiatu ziren Jabierrekin topatzeko. Goizeko bostetan foruzainen kuartelean zeuden eta komisarioak galdeketa egin zion neskari. Maira heldu berria zen. Modelo eskola batean ikasteko aitzakian kontratatu zuten eta beldurrak jota, prostituitzeko eraman zuten Tuterara. Aurreko egunean, ortziralean, jarri egin zuten salmentan. Zaintzaile bat jarri zioten, harrapatu zutenean ihes egin zuena. Neskak gehienez abizenik gabeko izen batzuk baino ez zituen aipatuko: beste neska batzuenak eta Raul eta Walter txuloenak. Tuterako pisu baten helbidea ere bazekien. Zoritxarrez, foruzainak hara joan zirenean ez zuten inor topatu. Zirudienez neska askatzea besterik ez zuten lortuko. Bera babes-etxe batean artatuko zuten. Apirilaren 30a, igandea Igandean, uste baino lehengo esnatu zen Manu. Loak ez zuela hartuko jakinda, altxatu zen, garbituak egin eta gosaldu zuen. Eguraldi txarra zegoen. Haizea, euria eta tenperatura baxuak zituzten lagun, irratiaren arabera. Berrietan entzun zuen parlamentuak hilabete bat eskatzen zuela CANeko paperak aztertzeko, Eskirozeko poliester enpresa bat erre zela eta Gernikan errefuxiatuen aldeko zutabeak elkartu zirela. Artean, goiz zen Jabierrek deitu zionean. Goizaldean, Iruñean, kolpe eta tortura arrastoak zituen neska bat agertu zen erdi hilik. Koman zen eta ezin izan zuten berarekin hitz egin. Okay diskotekatik hurbil topatu eta justu bilatzen zuten itxurazko neska bat zenez, tratan sartu zuten neska gaixo bat izango zela susmatu zuten. Bestalde, Barakaldon beste neska gazte batek lortu zuen ihes egitea. –Zer da hau, Jabier? Kasualitatez topatu ditugu larriki zauritutako neskak? –Ez. Hau ez da kasualitatez gertatu. Mafia batek neskak eskaintzen ditu sadikoek nahi dutena egiteko, baita hiltzeko ere, nahikoa ordainduz gero. Barakaldon ihes egin duen neskak ematen ahal izan digu sadiko batzuen pista, beraiek lagundu baitzioten. –Eskerrak pista bat lortu dugun! Ea suertea alde jartzen den! Eguerdian familia-bazkaria ospatu zuten. Igande askotan egiten zuten, aitona-amonak Iruñean zirenean behinik behin, azken urteetan denboraldiak egiten baitzituzten kanpoan, Saloun lagun batzuen apartamentuan edo Insersoko opor-asteetan. Gustura egon ziren, lasai eta beraien gauzez kontu-kontari, elkarren konpainiaz disfrutatuz. Arratsaldean, Carting egitera joateko plana egin bazuten ere, Mirenek ez zien baimenik eman, Mikel orduko umeegia zelakoan. Junek hamalau urte zituen eta gorputzez eta buruz helduagoa ematen zuen; Mikel, berriz, hamaika urterekin umeagoa zen. Mirenek ez zien seme-alabei nahi zutena egiten uzten, ama maitakorra baina zorrotza izaki. Amona ere zorrotz samarra zen, baina aitonak eta Manuk gehiago mimatzeko joera zuten. Mirenek Carting-era joateko asmoa zutela entzun zuenean ez zien utzi, eta besteek, baita semeak ere onartu zuten. Amak berdin jokatzen zuen sakelako telefonoen erabilerarekin. Juneri, nahikoa heldua zelakoan uzten zion asteburuetan erabiltzen, baina Mikeli ez. Jakina zen kasu batzuetan behintzat, azken aldian haurrei jaunartzerako telefonoa oparitzen zietela. Ikastetxeetan eta institutuetan debekatuta zegoen telefonoa erabiltzea eta eramatea, baina ikasleek askotan ez zuten debekua errespetatzen gurasoen baimenarekin. Hori ez zen familia eta seme-alaba haiekin gertatzen; Miren ama maitekorra eta emana izateaz gainera emakume zentzuduna zelako. Familiako besteek laguntzen zioten amari horretan. Beraz, Carting-era joan ezean eta eguraldiak laguntzen ez zuenez zinera joatekotan egon ziren, baina eguraldi txarrak eta pelikula asko Mikelentzat gomendagarriak ez zirela ikusita, amona-aitonarenean geratu ziren telebistan Lara Croft-en pelikularen amaiera ikusten eta Tron Legacy filma hasi zenerako loak hartu zituen gaztetxoak. Beranduago, karta-jokoan aritu ziren. 3. Premiazko deia Maiatzaren lehenean bahiketa bat ikertzen Zazpiak aldera dei bat jaso zuen ikertzaileak. –Kaixo Manu, Rakel Elizalde naiz. Sentitzen dut festa egun batean deitzea, baina oso afera larria daukagu eta zure zerbitzuak premiazkoak dira... –Manuk ezagutzen zuen enpresari hura eta ez zuen alferrik aipatuko premiazkoa izatea. –Kaixo Rakel, aspaldiko! Zer kontu da hori? –Ezin dizut telefonoz kontatu... Bihar festa eguna izanda ere, zure laguntza eskatu behar dizut; badakit normalean ez duzula festa egunetan lan egiten, baina ez dut beste irtenbiderik. Lagun iezaguzu mesedez. Agian egun bakarreko kontua izan daiteke, baina bihar behar zaitugu. Gainera, momentuz zeuk zure laguntzaileei ezer ez kontatzea eskatu behar dizut. Festa egunetako tarifak eta sari berezia emango dizugu laguntzekotan. Mesedez... –Ongi da. Badakit ez didazula alferrik eskatu. Kontatzerik ez duzunez, zer iruditzen zaizu bihar goizeko bederatzietan nire bulegoan geratzea? –Primeran. Mila esker laguntzeagatik. Gaututakoan Manu etxera joan zen. Goserik gabe, fruta hartuta irakurtzen eman zuen lotarako aurreko denbora. Maiatzaren 1ean, astelehena Goizean goiz, eguraldi hobea iragarri zuten. Gosaltzean berri latza entzun zuen Manuk: Txantreako jaietan mutil batek eraso sexuala egin zion neska bati, biak adingabeak. Berriek egunarekin bat langileen aldarrikapenak adierazten zituzten. Gehien errepikatzen zena langileen lan prekarietatea zen. Aparteko berria zen Osasunaren berdinketa. Goizeko bederatziak hogei gutxitan bulegoan zen Manu. Komunera joateko premia sentitu zuen. Txirrina behin eta berriro jo zutenean, ikertzailea komunean zegoen eta laster atera behar izan zuen. Joaldi luzeek eta geldialdiek, oso premia handikoak ez baziren ere, beharra adierazten zuten. Nahigabetuta, eskuak erabat lehortu gabe ireki zuen atea. Aurrean topatu zuena emakume dotore, eder eta ilehori bat zen. Laguna ez bazen ere, ezaguna eta ia konfiantzazkoa. Esku bustiak erakutsiz desenkusatu zen ez ukitzeagatik eta musu pare bat eman zioten elkarri. –Sentitzen dut hitzordua baino lehen etorri izana, Manu. Premiazko kontua da hau eta aurrez aurre hitz egitea erabaki dut. –Ongi da, Rakel. Ez zaitut aspaldi honetan ikusi. Oso ongi eta eder zaude. –Badakizu ez ditudala losintxak maite, baina zuk ez duzu gezurrik erraten. Mila esker. Zu beti bezala zaude. –Mila esker zuri ere. Ia bi urte pasa dira azkenekoz elkar ikusi genuenetik. Rakel Elizalde, Begoña Ugarteren lagun handi bat zen. Emakumeak adierazi zuenez, Rafael, bere bazkide eta lagunaren bila zebilen. Aurreko ortziralean ez zen lanean agertu eta ez etxekoek ezta lagunek ere ez zuten haren berririk. Goizean bezero berri batekin geratu omen zen elkarrizketa bat izateko, baina inork ez zuen horretaz bat ere informaziorik. Goiz erditik, espero zuten momentutik alferrik saiatu ziren berarekin mintzatzen. Ez zuen sakelako telefonoz erantzuten. Bere emazteak, koinatuak, lagunek eta Rakelek ez zuten haren arrastorik topatu inon, ez betiko lekuetan, ezta gustuko eta bisitatzen zituen lekuetan. Manuk ulertu zuen, baina gauzak garbi nahi zituen. Zuzenean galdetu zion Rakeli. –Adierazi duzun moduan ez diozue poliziari ezer erran. Zer uste duzue, bahiketa dela? –Hala da. Uste dugu dirua ateratzeko bahitu dutela eta informazio gehiago ezean poliziari ez deitze erabaki dugu. Ondorenean, Rakelek bazkide eta lagunaren datuez gainera, haren lan-bizitza kontatu zion ikertzaileari. Rafael Gomez Sanzol, garraio eta logistika arloan enpresario handia zen. TRANSLONASA, Transportes y Logistica de Navarra S. A.ko nagusietako bat zen. Enpresa handia eta arloko garrantzitsuena zen inguru zabal batean. Ehunka kamioi eta beste enpresa txiki batzuk kontrolatzen zituzten. Logisticas del Norte enpresekin federatuta, milioi askotako fakturazioa zuten. Enpresako nagusiek partaidetzaz eta etekinaz gain, soldata altuak zituzten, zuzendaritzan zuten lanaren arabera. Rakelek, promozioa, publizitatea, hau da alde komertziala eta gainera aseguruen saila zuzentzen zituen bestearen aginduz eta Rafaelek berak zuzendaritza orokorra eta diruzaintza kudeatzen zituen. Bakarrik hirugarren bat, Jaime Iriberri konpara zitekeen agintaritzan, zuzendaritza teknikoa eramanez. Jaimek, Karmele emazteak eta Rakelek erabaki zuten isilean izatea, Manu badaezpada ere kontratatzea eta bahitzaileei ordaintzea, dirurik eskatuz gero. Rakel joan baino lehen Manuk GPS bat eman zion diruarekin jartzeko eta aukeran bahitzaileak kontrolatu ahal izateko. Hurrengo orduetan, ikertzailea Jaime eta Karmelerekin mintzatu zen telefonoz. Karmelek bere gizona berreskuratzea baino ez zuen buruan. Hurrengo goiza, dirua biltzen pasatuko zuen. Emakumeak ez zion inolako pistarik eman Manuri. Ez zuen negozioaz eta bere lan-bizitzaz ideiarik. Jaime Iriberrik, berriz, susmo handiak zituen. Ez zuzenean zerbaitetan erruduna izateagatik, bere lanean zuen funtzioagatik baizik. Rafael zen enpresako diru-kontuen kudeatzailea eta beti zebilen bankuetan, enpresetan eta baita epaitegietan ere. Hala ere, adierazi zuen diruagatik edozer egingo zuela, ilegalitateren bat egiteko gauza izan zitekeela iradokiz. Diruzain nagusiaren telefonoa eman zioten. Diru kontuez Antonio Zunzarrenek gehiago argituko zion ikertzaileari. Jaimerekin telefono-elkarrizketa bukatu baino lehen zerbait bitxia adierazi zuen zuzendari teknikoak. –Gauza bat argitu behar dizut, dena den. Nik ez dut diru kontuez ideia handirik eta argi adierazi dizut ez dakidala ezer txarrik egin duen ala ez, baina Rakelek kontu horietaz ni bezain ezjakitun izateaz gain, uste du Rafael aingerutxo bat dela, munduko gizonik onena dela –ikertzailea harritu zen adierazpenarekin. –Zer erran nahi duzu? Ez dizut ulertu. –Rakel maiteminduta dagoela Rafaelekin. Amodio platonikoa da eta ez diozu berari buruz informazio garbirik aterako. Ezin du berataz ezer txarrik pentsatu eta edozer egingo du Rafael gurekin izateko. –Maitemintze kontu horrekin, zer erran nahi duzu..., ezin naizela Rakelekin fidatu behar? –Ez. Itsu dagoela eta ez du onartuko hark ezer txarrik egin duela. –Orduan ezin dugu Rafaelengandik kontu ilunen bat baztertu behar. –Hori da! Uste dut garbi hitz egin dizudala! –Garbi... iradoki duzu. Orain argi utzi duzu. Mila esker. Antonio Zunzarrenekin hitz egin zuen ondoren. Gizonak apala zirudien. Bizitza osoa eman zuen diru kontuak kudeatzen, baina ez zuen erabakirik hartzen. Adierazi zuen bezala berak pasatzen zizkioten paperen arabera egiten zituen balantzeak, excelak eta bulegari baten laguntzaz zenbakiekin zerikusia zuten lan guztiak, nominak barne. Berak ez zuen ezer esateko, nahiz eta beti Rafaelen agindupean lan egin. Manuren galderak zirela eta, zerbait gehiago aipatu zuen. –Beno, ez naiz oso ziur. Nik ez dut ezer garbi, baina Rafaelek kontratu batzuen gora-beherak kudeatzen zituen inolako informaziorik eta konturik kontabilitate departamendura pasatu gabe. –Manuk ezin zuen pista hura pasatzen utzi behar. –Ez dakizu ziur, baina edozein datuk eta baita susmok laguntzen ahal dute haren desagertzearen arrazoiak argitzen eta onik berreskuratzen. Esadazu mesedez zer susmatzen duzun. –Zenbaitetan, enpresa edo pertsona desberdinekin izaten zuen harremana eta guk ez genuen horretaz ez agiririk ezta diru konturik. Lan batzuk bere kabuz gauzatzen zituen. Nik banekien garraio batzuk paperik egin gabe egiten zirela. –Horrek zer erran nahi du, Rafaelek bigarren kontabilitate bat eta diru beltza jasotzen zuela, ezta? –Ba... Bigarren kontabilitatea ohikoa da gurean. Niri ez zait gustatzen, baina enpresa batzuekin egiten dugu. Rafaelek bere kabuz egiten zuena zerbait gehiago da, haratago doa. Nik ez dakit zertan zebiltzan, baina garraio txiki batzuk gutxitan egiten ziren, hilabetean behin edo bitan egiten zituen. Rafael, gainera, batzuetan desagertzen zen nondik ibiliko zen erran gabe. –Orduan diru beltzaz gain, ezkutuko kontu ilunetan ibiltzen zen nagusia. –Nik ez dut halakorik erran. Ilun edo ez, guk ez genuen garraio eta diru kontu horien berri. Besterik ez. Eguerdian auzora jaitsi zen. Festa eguna izanda ere, Toki Alai tabernan bazkariak ematen zituztenez hara jo zuen ikertzaileak. Felixenera sartu zen bazkaltzera. Laguna eta Gabriela lanpetuta zeuden bazkariekin. Emakumeari musu bat eman zion, bere laguntza eskertzeko. Asko mimatzen zuen tuperretan prestatuta janari goxoak emanez eta noizean behin bestelako mesedeak eginez. Sukaldeko jakiak begiratuta txitxirioak, lirio goxoak eta etxeko natillak aukeratu zituen. Gabrielak bizpahiru lehen plater, beste hainbeste bigarren eta pare bat edo hiru postre sukaldatzen zituen. Denak ongi, goxo prestatuta eta prezio onean. Manuk pentsatzen zuen hilero zor zuena ordaintzen zuenean tranpa egiten ziotela eta gutxiago kobratzen ziotela. Kexatzen zenean galdetzen zioten ea ezin zuten kafe edo kopara gonbidatu, lagun prezioan egiteagatik, ez ote zen laguna eta isilarazten zuten. Laster, libre geratu zen bere txokoan bazkaldu zuen gustura. Felix berarekin eseri zen postrea eta kafea hartzeko. Lagunak lanaz galdetu zion. –Hara, Manu zertan ari zara? Kontatu didatenez lanean zabiltza. Ezin zenion zure laguntzaileren bati lan hori egiteko agindu? Ezin du Jakerrek lan hori egin? –Ez. Hain zuzen ere, bezeroak niri diskrezioz egiteko eskatu dit. Jakerrek ez du ideiarik ere. –Zer moduz ari zarete Jaker eta biok? Ongi moldatzen zarete lan kontuetan? –Bai. Orain kanpoan da kasu batean ikertzen eta ni bakarrik nabil kasu berri horrekin, baina primeran konpontzen gara. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasten ari gara aunitz. Ia bi urte pasa ziren Manuk Jaker bazkide bihurtu zuenetik. Felixek bazekien Manuri teknologia berrietan aritzea kostatzen zitzaiola eta gazte hark batzuetan ez zituela legalitatearen mugak errespetatzen. Horrek Manuren haserrea sortzen zuen, baina finean ongi konpontzen ziren eta iruzur berrien kontra batzuetan beste modu batean jokatu behar zuten, betiko mugak gaindituz. Joateko zorian ezuste atsegina eman zion Felixek lagunari. –Zein ordutan geratu zarete ibilaldia egiteko? Gaur ere barran laguntzera etorriko da langile berria eta gustura ibiliko naiz zuekin. –Aupa Felix. Lau lagunok elkarrekin ibiliko gara. Zortzietan Joxeren atarian geratu gara. Etxean kuluxka egin ondoren igo zen bulegora. Etxean geratzeko gogoa gainditzea kosta zitzaion, baina zerbait egitekotan oinez mugitu zen alde zaharreko bulegora. Ordu gutxitan deituko zieten dirua jaso ahal izateko. Familiakoek, Rakelek eta ikertzaileak adostu zuten bezala bizi-probak eskatuko zituzten dirua eman aurretik. Jaimek eta Rakelek kontratua sinatuta bidali zioten korreoz. Manuk kasu guztiekin egiten zuen bezala karpeta berri bat ireki zuen eta txostena osatzen hasi zen. Ordura arteko egoera laster adierazi zuen, gauza handirik idazteko ez zegoelako. Rakel, Jaime, Karmele eta Antonioren susmoak ere labur jaso zituen. Aipatzeko merezi zuten bakarrak diruagatik bahiketaren hipotesia eta diru beltzaren inguruko susmoak ziren. Manuk espero zuen deia jaso zuen. Rakelek kontatu zion ikertzaileari Karmelek bahitzaileen mezua jaso zuela. Rakel, emaztearekin zegoen gertatu zenean eta berak entzun ahal izan zuen ahots eraldatua. Erreskate bat eskatzen zuten. Biharamun arratsean milioi bat euro eraman behar zuten adieraziko zieten leku eta orduan. Rakelek bizi-proba eskatu zien bahitzaileei eta hauek Rafaeli esan zioten hitz egiteko. Gizonak ongi zegoela eta ordaintzeko eskatu zien. Emaztearen negarrei erantzunez erran zion ez kezkatzeko, dirua emanez gero bera itzuliko zela. Emazteak adierazi zuen hurrengo goizean saiatuko zela dirua lortzen. Bankuetan ibiliko zen likedezia eta isiltasuna eskatuz. Ikertzaileak deiaren grabazioa entzun ahal izan zuen. Emakumeak handik ordu erdira berriro deituko ziola hitz eman zion. Gainera ikertzaile-taldekoei laguntza eskatzeko baimena eta eskaera egin zion. Grabazioak ez zuen pistarik uzten eta ondorioztatu zitekeen bakarra zen Rafaelek espero zuela dirua ordainduta askatuko zutela. Ziur aski bahitzaile profesionalak izango zirela edo behintzat dena ongi egiten ari zirela. Rakelek berriro deitu zuenean pentsatzen zuena kontatu zion. Biek pentsatu zuten bahitzaileei kasu egitea. Edozein aldaketa izan ezean aurrera egingo zuten. Hurrengo eguerdia arte agurtu zuten elkar. Handik gutxira Jakerren deia izan zuen. Gazteak komentatu zion Iruñetik jarraituko zuela diskoteken inguruko ikerketa. Denek argi zutenez kanpo zaintzak beste batzuek, hain zuzen ere polizia sekretuek egingo zituzten ziur aski. Hurrengo asteburuan zain geratuko ziren diskoteken inguruan zer gertatuko zain, baina Internet Sakonean jarraitu egin behar zuten Jakerrek eta bere kideek, polizia eta Interpol-ekin harremanetan. Gaztea, hurrengo goizean agertuko zen bulegotik. Hala ere, Manuk kasu berriaren gainetiko informazioa eman zion. Konturatzeko, zortziak izateko gutxi falta zen. Laster batean jaitsi zen auzora. Festa eta era berean lan-eguna bukatuta, etxekoekin mintzatu zen telefonoz. Berandu izan arren, Joxe eta Felixekin elkartu zen, paseatzera joateko. Patxi ez zen puntualki agertu, baina mugikorrez adierazi zien bidean zela eta hiru minutuan elkartuko zela haiekin. Lau lagunak paseo azkarra egitera atera ziren. Felix eta Joxe aurretik zebiltzan bitartean, Patxi eta Manu atzetik hizketan hasi ziren. Laguna kezkatuta zegoen Manurekin. –Manu, ez dakit nola hasi. –Lagun, kristorenak bota behar al dizkidazu? –erantzunarekin Patxi barre txikia egin zuen, seinalea ez zela beraren kontrako zerbait edo ez oso larria behintzat. –Ez. Beno ez erabat. Kontua da Begoñak hitz egin duela Mirenekin eta bart gauean erran zidan zure ohiak gaizki ikusten zaituela. Ez omen zabiltza pozik eta gauza guztietan, berarekin eta etxekoekin zerikusia duten gauzetan behintzat ezgauza, nekatuta eta presaka zabiltzala ikusten zaitu. Begok dio Mirenek oraindik maite zaituela, baina ez dakiela asmatzen nola birbideratu zuen harremana –Manu pentsatzen geratu zen. –Ba..., uste dut arrazoi duela. Izanen da gaixorik egon naizela, baina arrazoi du. Ez nago gustura nire lanarekin, nire bizitza pertsonala egiten ez uzteagatik. Garbi daukat gehienetan ez naizela etxekoekin behar bezala... Baina ”Mirenek maite nauen” kontu hori? Nik sentitzen dut ez dudala aita papera ongi betetzen. –Eta etxekoekin ibiltzeko, lanean aldaketa egiten ahal duzu? –Ez dakit nola eginen dudan! Toki Alain sartu zirenean jende asko zegoen eta kuadrillako Andoni, Alfonso eta Satur topatu zituzten. Gutxitan izaten ziren elkarrekin, baina ezohiko egoera aprobetxatuz pote eta pintxo bana hartu zuten. Lastima Pablo, Andres eta Xabier han ez izatea. Mintxo xelebrea agertu zen eta beti bezala han izan zen ikuskizuna! –Andonik dio ez zaretela lagun onak –bota zuen gizon sentibera hark. –Aupa hi! Hori da hori gaian sartzea! –erran zuen Felixek. Andonik jarraitu zuen. –Nik ez dut horrelakorik erran. Mintxotonto honek harrapatu du esaldi baten bukaera edo, ez daki zertaz ari nintzen. Erran nahi nuena, hain zuzen ere, bazen ez garela lagun bezala askotan elkarrekin ibiltzen. –Egia da. Nahiz eta zuek urrunago bizi, errazena da hemen elkartzea zuek, gu eta beste lagunak ere –izan zen Joxeren sententzia. Denak ados, pote bat eskatu zuten eta antolatuta izan gabe, zerbait meriendatu zuten. Maiatzaren 2a, asteartea Manu goiz mugitu zen lanera. Zein eguraldi tristea! Tanta batzuk eskapatzen ziren eta eguerdian tenperatura epelak espero zituzten. Autoan berriak entzuten ari ziren. Olabeko lurrikara aipatu zuten. Aurreko eguneko maiatzaren lehenengoaz aipamenak egin zituzten: UGTk eta CCOOk soldaten igoera aldarrikatu zuten, bestela grebetara deituko zutela erranez. ELAk eta LABek murrizketen aurreko egoerara itzultzea eskatzen zuten eta sindikatu guztiek lanpostuetan lan-baldintza hobeak. Bulegora igo zenean Jakerrekin elkartu zen. Gazteak kafe egin berria eskaini zion. Bulego handiko sofan eseri ziren. Jarreragatik harrituta zegoen Manu. Gaztea ez zen hain zeremoniatsua izaten. Lehenengo hitzek ere mutilak zerbait zuela baieztatu zioten. Zermoduzka hasi zitzaion eta nagusiaren aurpegiagatik, ezohiko urduritasuna adierazten zuela konturatuta, berarekin kontsulta bat zuela eta bere aholkuak behar zituela erran zion. Jakerrek sarekada bat prestatzeko ideia zuen. Gazteak Ramon Zudaire foruzainen inspektorearekin hitz egin zuen aurreko egunean. Bera zen Jabier Lopez Astiz komisarioaren bigarrena eta askotan bezala auzi bereziez arduratzen zen. Ertzaintza, Foruzaingoa eta inguru zabaleko beste poliziak koordinatzen ari zen inspektorea. Hildakoak eta kasurik larrienak Tuteran gertatu zirenez Foruzaingoa eta inguru hartako diskoteka nagusiak ziren tortura eta erailketa kasuetan lehendik lanean ari zirenak ikerketan eta zaintzan. Manuk galdetu zion bere lankideari Interneteko ikerketaz. –Jaker, zer topatu duzue Internet Sakonean? Iruditu zait zer edo zer ez duzula aipatu, zerbait isildu duzula alegia. –Zer nahi duzu? Topatu dudan gordinkeria ez diot Lalari erakutsi eta ez diot inori erakusteko asmorik. Manu, gehienetan emakumeenak, snuff bideoak izan dira nazkagarrienak. Erailketak, torturak eta bortxaketak gezurrezko edo errealak, horiek bai direla lizunkeriak! –Eta pistarik topatu al duzu? Gure inguruan ekintza horiek egiten dituztenekin loturarik topatu al duzu? –Ez. Bideo horiek ikusten botalarria izan arte ikusi ondoren ez dut loturarik lortu. Beno, ... –Beno, ...zer? –Ezer ez. Prostituzioaz, gure lurraldeko erreferentzia egiten duen sadikoentzako orri batean bideo batzuen link-a edo lotura egiten dute, baina imajinekin ez da inolako informaziorik agertzen. 4. Jaker eta Lala Gaia utzita, bazirudien beste gauza batez galdetu nahi ziola gazteak nagusiari. Manu jakin-minak jota zegoen. Manuk ez zuen ulertzen gaztearen jokaera, normalean lasaia eta hitz egiteko arazorik ez zuen mutila urduri jokatzen ari baitzen. Jaker ez zen jabetzen jokaera bitxia erakusten zuela eta zalantza erakutsiz azkenean adierazi zuen kezkatzen zuena. Poliki eta hasieratik hasi zen kontatzen. Lala, andregaia, ikerketetan zaletuta zegoen. Ez zen harritzeko kriminologia ikasten ari baitzen. Azken hilabeteetan parte hartzen ari zen kasu batzuetan, zaintza lanetan eta Interneten bidezko informazio bilaketan. Jakerren laguna zena, azken urtean bikotekide bihurtu zen eta orduantxe Jakerrek lankide bezala onartzeko proposatu nahi zion Manuri. Neska-lagunarekin ongi konpondu nahi zuen eta lankide izateak pikutara botatzen ahal zuen beraien arteko ongizate pertsonala. Arriskatzea erabaki zuen. Ez zion neskari erran, baina lanean serioago laguntzeko proposatu nahi zion eta Manuri baimena eta aholkua eskatu zizkion. Jaker lankide bihurtu zenetik, gero eta ikertzaile hobea zen. Manuri ez zitzaion inporta neskak kasuez jakitea eta batzuetan parte hartzea, konfiantzazkoa baitzen eta laguntza baino ez zien ematen. Hala ere, berak ere zalantza zuen ez ote zen bateraezina maitasun harremana eta lana. Hantxe zegoen koska. Manuk gauzak ez zailtzea erabaki zuen. –Begira, Jaker. Niri Lara beti iruditu zait ikerketarako ona dela. Ez dizut ezer aipatu, zuen harremanetan ez sartzeagatik. Orain adierazi didazu lankide bezala onartzeko. Nik ez dut arazorik eta badakit ongi egingo dugula lan. Arriskua hartuko duzue zuen maitasun harremanetan. Proposa iezaiozu ea zer iruditzen zaion. Nik uste dut gustura onartuko duela, baina zuen harreman pertsonala pikutara botatzen ahal duzue. Zuek ikusi zer egiten duzuen. Ni ados nago. –Mutilak lasaitua hartu zuen eta era berean oso garbi ikusi zuen arriskua. Lehenengoz irribarre egin zuen eta erantzun zion Manuri. –Arrazoi duzu. Ez dakit nolakoa izango den gure harreman pertsonala. Edonola ere, emakume burutsua eta lasaia da eta badakit lanean ez dugula arazorik izango. Manuk Lala imajinatu zuen bulego hartan. Itxura oneko, eta ezin atseginagoa zen neska hark detektibe sena zuen. Pentsatu zuen kriminologia ikasketak bukatu artean zenbait hilabete pasatuko zirela. Denbora nahikoa lan egiteko moduan eta bulegoan egokitzapenak egiteko. Lanbide hartan emakumezko gutxi zebilen eta polizien artean, gutxi ziren ardura zutenak. Alde horretatik gauzak aldatu behar ziren. Lala, gainera, oso ongi moldatzen zen edonorekin. Harremanetarako eta behar zenean hitz egiteko ez zuen arazorik, gizonez beteriko lanbide hartan beharrezkoa zena. Irri eginez bukatu zuten hizketaldia. Beste kafe bat hartu zuten, eten egin eta bestelako kontuez aritu bitartean. Bi ikertzaile eta bazkideek bazuten beste kontu bat. Tartean Manuk bazuen bahiketaren aferaz zalantza eta gaztearen laguntzaren beharra. Azkeneko berriak eman ondoren galdetu zion hacker hari zer egiten ahal zuen. Honek adierazi zion ikertzen hasi behar zuela ea zer topatuko. Gazteak ikertu behar zuen garraio enpresan, Rafaelen jardueretan eta diru kontuetan. Solasean bukatzen ari zirela, izena eman ez zuen pertsona batek telefonoz kontsulta bat egiten ahal zuen galdetu zion. Arraroa zen Manuri lagunkiro mintzatzen ari zitzaiolako. Egindakoaz konturatuta, nonbait, deitzaileak barkamena eskatu zion eta bere buruaren aurkezpena egin zuen. Pepi Fernandez zen, Begoña Ugarte enpresariaren beste lagun bat. Manuk agurtu egin zion. Begoñarekin ikusteaz ezagutzen zuen, baina ez gehiegi. Emakumeak adierazi zion arte-galerista eta margo-lanen salerosketetan aritzen zela. Azken aldian jatorri garbia ez zuten margo batzuk agertu ziren eta Manuri ikerketaren posibilitateaz galdetu nahi zion. Manuk adierazi zion gaiaz ez zuela ideia handirik eta une hartan ez zekiela astirik izanen zuen. Beste ikertzaile batzuk bilatzea aholkatu zionean, Pepik ez larritzeko eta bilera lasaia egin bitartean lana ez errefusatzeko eskatu zion. Hurrengo goizean elkartzeko aukeraz hitz egin zuten. Berehala, ikertzailearen bulegoan hamaikak aldera gehiago hitz egitekotan geratu ziren. Hala ere, deia bukatu baino lehen, enpresariak adierazi zion Manuri ez zuela arteaz gehiegi arduratu behar eta Elena Burgi bere bazkideak lagunduko ziola horretan. Arteaz gutxi zekien Manuk, faltsutzeaz eta garaiko artistaz gutxiago. Arte historiaz justu ideia orokor bat zuen. Izandako estilo nagusiez eta lanik eta egilerik famatuez ezagupen gutxi batzuk baino ez zituen. Jaker bere langelan ari zen ordenagailuetan lan egiten. Mutilak barneko gela bat atondu zuen bere erara. Sofa, bi aulki, mahai bat, potentzia handiko bi ordenagailu, pantaila handi bat eta eramangarria ziren altzari-traste bakarrak. Leku txikia izan arren eta patiorako leihoa ere txikia izanda, bi pantaila txikietan eta handian noizbehinka nahieran aldatzen zituen imajina eta paisajeek bizitasuna eta zabalera ematen zioten lekuari. Gazteak gustura egiten zuen lan. Hasieran, bi ikertzaileak gela handian bi mahaitan antolatu zuten lantokia. Dena den, bisitek edo deiek ez zioten Jakerri lanean arreta jartzen uzten eta gela hura antolatu zuen. Behar zutenean, askotan, bata bestearengana joaten zen, baina bestela, egiten zuten lanean gehiago kontzentratzen ahal ziren. Hala ibili ziren egun hartan denbora batez. Ia ordu bata eta erdiak ziren eta Manuk Rakelen deia jaso zuen. Lortu zuten diru kopurua eta prest ziren edonora mugitzeko, trukea egin eta Rafael askatzeko. Manuk emakumeari gogoratu zion diruaren artean GPSa utzi behar zuela. Urduri nabari zenez, ikertzaileak lasaitu zuen emakumea. Agurtu eta bahitzaileen deiaren zain geratuko ziren. Ikertzaileak azkar asko Gorkari deitu zion diruaren segizioa egiteko. Gazteak gaueko eta asteburuko segizio eta begirale lanetan jarraitzen zuen Lontxoren laguntzaz. Ordenagailuz GPSaren seinalea eta kokapena jarraitu ahal izango zuten. Gorka eta Lontxo prest izanen ziren diruaren bidea eta ziurrenez bahituaren mugimendua jarraitzeko. Ez zuten polizien laguntza, bahitzaileek eskatu zuten bezala, baina bahitua arriskuan sumatuz gero, deituko zieten salbatu edo askatu ahal izateko. Eguerdian, Manu auzora eta etxera mugitu zen zerbait ahoratzeko eta deskantsatzeko. Bulegotik mugitzeak on egiten zion lasaitzeko. Hala ere, urduri zegoenez ez zen betiko tabernara joan eta etxean fruta eta bokata bat jan zituen. Kuluxka arina egin zuen eta gustura bulegora oinez igoko bazen ere, arratsaldean bahiketaren bukaeran prest izateko autoz igo zen. Ibilgailua aparkalekuan utzi zuen. Edonola ere, mugitzeko beharra zuen eta itzuli bat egin zuen Redin eta Medialunatik Ezkaba mendiari eta iparraldeko auzoei begiratzeko. Udaberriaren indarraz bete nahi zuen bere burua. Redinen jende gutxi zebilen. Zaldi Zuria pasa eta balkoira hurbildu zen. Urduri eta bizirik sentitu zen. Zuhaitz eta belardietako berde garbi dirdiratsuek liluratu zuten gizona. Egun iluna eta estalia izanda ere, udaberriaren indarra nabari zen. Arnastu zuen airean lurrin kutsu bat sumatu zuen. Ezkaba eta Txantreari begira geratu zen. Frantziar talde bat hurbildu zenean, lekua utzi zien. Ingurura begiratu zuen inork jarraitzen zuen ikusteko. Deus arrarorik nabaritu ez zuenez paseatzen jarraitu zuen. Zumalakarregiren atarira hurbildu zen. Inguruak eta atariak beste garai batera eramaten zuten. Berdin zitzaion garaia, baina eguneko denbora iheskorraren gainetik eternitateaz eta iraunkortasunaz konturatu zen. Denboren gainetiko ibilaldiak on egin zionez, prest zegoen lanera eta bulegora itzultzeko. Bulegoan sartu zenean berandu zen. Dena den, gustura ibili zen paseatzen eta on egin zion. Jakerrek komentatu zion goizean urduri nabaritu zuela eta poztu zela lasaiago ikusteagatik. Garagardo bat erdi bana konpartitu bitartean gazteak Rafaeli buruz jakin zuena kontatu zion. Ez zen gauza handirik, baina enpresak izan zituen arazoak Nafarroako Ogasunarekin. Kontabilitate imajinatiboa erabiltzen zutela agertzen zen txostenetan eta Ogasun-ikuskariek hainbat isun ordainarazi egin zieten. Rafael enpresako diru arduraduna zen, baina Jakerrek uste zuen kontu ilun gehiago izango zela. Zerbait gehiago jakingo zuen mundu digitalean begiratuz gero, nolabait ere arrastoaren jatorria aurkitzeko arduradunaren inguruan mugitu beharko zuten. Manuk gogorarazi zion gazteari bahitua salbu eta aske izateko laguntzeko kontratatu zituztela: bakarrik bahiketaren ariak eta segurtasuna interesa zitzaizkiela. Manu kasuen txostenak osatzen ibili zen eta konturatzeko joateko ordua zen. Rakelekin hitz egin zuten bulegoa utzi baino lehen, baina ez zuen bahitzaileen berririk eta orduko ez zekien noiz eta nora eraman beharko zuten dirua. Aurreko egunean bezala geratuak ziren lagunak ibiltzeko. Azken aldian ahal zutenek lanegunetan ateratzen ziren. Norbaitek egun batean huts eginez gero, beste hiru edo lau egunetan ibiliko zen. Manu Joxerenera heldu zen ibiltzeko prest. Edozein modutan, badaezpada, poltsikoko telefonoari egingo zion kasu, deituz gero ziztuan mugitzeko. Autotik ez urruntzeagatik Patxi eta Joxerekin elkartu zenean auzotik ez urruntzea proposatu zien. Oblatas-en zubia pasa, errekaren bestaldeko paseoa jarraituko zuten San Pedro zubiraino eta itzuli, autora lasterkan hamar minutuan heltzeko moduan. Hiru lagunak martxa arinean ibili ziren itzuli osoan. Toki Alaira sartu zirenean kaina bana eskatu zuten. Felixek lanaren aitzakia eman zien beraiekin ez ibiltzeagatik. Egia zirudien, Jende asko baitzebilen poteatzen eta pintxoak hartzen. Manu kaina bukatzen ari zela, bederatzi eta erdiak aldera jaso zuen Rakelen deia. Bahitzaileek abisua eman zuten dirua prest izateko eta berriro deitzean elkar-tokira arin mugitzeko. Poliziari ez deitzeko abisua errepikatu zuten. Ezin zuten ezer berezirik egin eta dena bukatu arte agurtu zuen emakumeak. Manuk Gorkari deitu zion prest izateko eta urrutitik behatzeko. Manu laster etxeratu zen Gabrielak tuper banatan prestatutako barazki-zopa eta arrain goxoak eraman zituen. Etxekoekin mintzatu zen une batez. Gurasoak ongi zeuden eta emazte ohia eta seme-alabak beti bezala, prakak bete lan. Mirenek galdetu zion hurrengo larunbatean seme-alabekin geratuko zen. Aita desiratzen zegoen, baina ikertzaileak ez zekien lanaz libratuko zen. Diskoteken bortizkeriak eta hilketen kasuek arreta eskatzen zuten eta alternatiba bakarra seme-alabak gauean amona-aitonekin uztea zen. Mikelekin bere futbol taldeko martxari buruz solastu zen; Manuri gaia gustatu ez arren, Mikelen zaletasuna zen aldetik, gustura entzuten zion semeari kontakizuna. Anek gogoratu zion pizzerian bazkari bat zor ziela eta larunbatean semearen futbol-partidaren ondoren joatekotan geratu ziren. Amaiarekin ere hitz egin zuen. Eskerrak honek asteburua okupatuta zuen, bestela beste dezepzio bat emango zion. Lagun harekin igande arratsaldean geratu zen. Afaldu eta oheratzeko prestatu zenean Rakelen deia jaso zuen. Ordu bat eta erdi lehenago deitu zieten hiper bateko aparkalekuan elkarrekin geratzeko. Atariaren inguruan ez zegoen beste autorik eta zain egon ondoren beste auto batean bi bahitzaile eta Rafael enkaputxatuta agertu ziren. Dirua hartuta, gizagaixoa utzi zieten. Zorionez bahitua askatu zuten arazorik gabe. Rakelek agurtutakoan, Gorkaren deia jaso zuen. Bera eta Lorentxo etsituta zeuden. Ez zuten GPSaren bidez jarraitzerik izan. Gertatutakoa bat zetorren Rakelek kontatutakoarekin. Urrutitik jarraitu zuten Rakel. Hiper ezagunaren aparkalekuan agertu zenean, arin egin omen zuten trukea. Urrutitik bi begiraleek bahitua izandakoa auto batera sartu zela ikusi zuten. Gizagaixoa behintzat aske zen, baina GPSaren seinalea orduantxe desagertu zen, beste auto batean bahitzaileek diruarekin alde egin zutenean. Bahitzaileek GPSa aurkitu eta txikitu izan balute bezala izan zen. Bestela, inhibitzaile bat erabiliko zuten. Ez zen gaizkileak jarraitzerik izan. Hilaren 3a, asteazkena Manuk goiz hasi nahi zuen lanean. Ongi gosalduta, oinez igo zen, behaketarako auto premiarik izan gabe. Eguraldi polita eta eguzkitsua iragarri zuten, baina hala ere langarra ari zuen. Arratsaldean hogeita hiru gradura igoko ziren tenperaturak. Bulegoan sartzean, sukaldean zerbait hartzeko gogoa izan zuen. Lehenengo kafea bukatzen ari zela, Jaker agertu zen. Mutilak agurtu ondoren, kafea hartzen zuten bitartean, gazteak aurreko arratseko ikerketaz mintzatu zitzaion nagusiari. Rafaelek bazituen auzi batzuk Ogasunarekin, baina larriagoa zen gazteak jakin zuena. Diru-kontu imajinatiboez gain ezkutuko kontuak eta diru beltzaren erabilera sumatzen zuten Ogasunean. Bestalde, Jakerrek jakin izan zuen Rafaelen harremanen artean batzuekin informazio arraroak gurutzatzen zituela, zeinetan telegrafikoki eta klabeetan idazteagatik zerbait ilegala ezkutatzen zutela susma baitzitekeen. Jakerrek mezuak eta bestelako datuak gorde zituen aurrerantzean gehiago sakontzekotan. Manuk, gauzak horrela, ikerketa bertan behera utzi behar zutela pentsatu zuen. Eskatu ezean, ez zuten kontratuaren haratago ikertu behar. Rakeli azkeneko jakingarriak adierazteaz gain, ez zuten Rafaelen eginetan arakatzen jarraituko. Kontua zen auzi hartan, bahiketa ordaintzeko edo, Rafaelen dirua erabili zutela. Zuzenean ez zuten inolako diru-iruzurrik topatu. Litekeena zen diru haren bidez, tranpak edo zor bat ezkutatu izana. Rakelekin hitz egin zuen ikertzaileak, luze eta sakon egin ere. Emakumeak ulertu zuen han bazela zertan ikertu. Hala ere, ez zuen aurrera egiteko asmorik. Momentuz kasua bukatutzat eman zuten. Jaker ez zen bere txokora erretiratu. Gaztea eta Manu mahaiaren ondoan eseri ziren, bazuten eta beste kasu zail bat ikertu beharrekoa. Prostituten kasuan plan bat behar zuten. 5. Bilboko sarekada batetik eta arte-iruzurra bestetik Ramon Zudairerekin eta Bilboko Ertzaintzako Isidoro Markina inspektorearekin telefonoz ari ziren hitz egiten bi ikertzaileak, gaizkileak sarekada batean harrapatzeko. Larunbat gauerako plan bat antolatu behar zuten sadiko taldea harrapatu zutela aprobetxatuz. Hala ere, basakeria fenomeno hura inguru zabalean ematen ari zenez, Furuzaingo, Ertzaintza, Guardia Zibila, Polizia eta ikertzaile pribatuen arteko koordinazioa landu behar zuten. Esku librean Markina inspektorea mintzatzen ari zen. –Jaunok, larunbat gaueko sarekada gauzatu baino lehen, zibilekin eta poliziekin elkartu behar dugu. Gaizkileak inguru zabal batean ari dira jokatzen edo behintzat beste talde batzuekin harremanetan ari dira, baina gure kasuetan Bilbotik Zaragoza bitarteko diskoen inguruan izan dira kasu gehienak. Beraz, bihar, ortzegun arratsaldean bilera izango dugu Logroñoko hotel batean. Ordua eta helbidea beranduago emango dizkizuet. Garrantzitsua da ikertzaile pribatu eta “hackerron” nolabaiteko parte hartzea. –Ziber-ikertzileek Internet Sakonean ikertuko dute, baina zer paper utzi diguzue ikertzaileoi? –galdetu zuen Manuk. Zudairek erantzun egin zion. –Zuek hobeki mugitzen zarete kamuflatuta. Guk sarekada aseguratu baino ez dugu eginen. Goizaren bukaeran Pepi Fernandez eta Elena Burgi agertu ziren. Pepi ilehoria zen, altua eta makilatuta zegoen. Elena gaztainkara zen eta aurpegi borobil eta begirada-keinu irribarretsua zuen. Elena arte-marchand bat zen eta margo-lanen merkatuan aditua. Diosalak eginda, berokiak kendu zituztenean estilo kaxual-eko jantziak erakutsi zituzten. Pepik gona laburra, atorra estua eta lepoko ikusgarria janzten zituen gorputz eskulturala nabarmenduz. Elenak, berriz, praka eta jertse erosoak janzten zituen. Jaker ere agertu zen bulego nagusira. Aurkezpenak eta agurrak eginda, besaulkietan eseri ziren gizonak, bi aldeetan, emakumeak erdiko sofan esertzen ziren bitartean. Emakumeek ez zuten ezer hartzeko gogorik eta presa zutelako aitzakian lehenbailehen hasi nahi zuten. Eseri zirenean, Pepi, izter, belaun eta berna ikusgarrien jabe izatearen jakitun, irri egin zien gizonei. Ez zuen pentsatzen bere gorputza hutsez gizonak sorgintzen zituela, baina gizonak aztoratzea eta zirikatzea gustatzen zitzaion eta bere buru-argitasunarekin nahi zuena lortzen ohitura zuen. Pepik errepikatu zuen aurretik zekitena. Berak arte-galeriak zituen hiri batzuetan eta margo-lanak saltzen zituen. Azken aldian agertutako margo batzuk zalantzazkoak ziren eta susmatzen zuten faltsuak zirela. Emakumeak arte ezagupenez ez arduratzeko erran zien, laguntza izanen baitzuten. Irri erakargarria erakutsiz jarraitu zuen. Ohiko tarifak izateaz gain kasua denbora gutxian argituz gero, diru-sari ederra emanen zietela hitz eman zien. Elenak jarraitu zuen zehaztasun batzuk ematen. Agertutako margo faltsu haiek ez ziren hildako margolari famatuen lan ezagunak edota jatorri garbikoak. Margo garaikide haiek inpresionistak, post-inpresionistak, fauvistak, modernistak, abstraktuak, kubistak eta futuristak ziren, ziurrenez artelanik garestienak. Hain zuzen ere, Pollock espresionista abstraktua, Monet inpresionista eta Cezanne eta Van Gogh postinpresionistak ziren gehien plagiatu eta faltsifikatzen zirenak. Merkatari frantziar batzuek aditu famatu batzuen egiaztagiriekin merkatuan arte-lan asko eta garestiak aurkeztu zituzten. Galerista eta margo-merkatariak, milioi pila bat balio zuten margoak ikertzen ari ziren, faltsuak zirela pentsatzen zutelako. Kasua zen tailer bat eta margolari on batzuk, lan faltsu haiek egin zezaketenak, Iruñean topatu zituztela. Egia erranda ez zuten erabateko probarik, baina susmoa zuten Iruñeko margolari haietako batzuek margo faltsu on batzuk egin eta merchant frantziar iruzurgileekin harremanetan zeudela. Ikertzaileen lana proba batzuk aurkitzea zen. Dirutza mugitzen zen horren inguruan. Iruzurgileen kontrako probak aurkitu eta sarea geldituz gero, dirutza emango zieten ordainsari gisa. Manuk kontatu zien bi bezeroei, zorionez lanean ari ziren beste kasu batean praktikan bukatu zutela eta beraienean aukera gehiago izango zutela ikertzeko. Lorentxo, arte kontuetan zaletua zen aldetik zuzeneko ikerketa egiten ahal zuela adierazi zien. Hala ere, beti bezala eta informazioaren arabera, Manuk kontatu zien ezin zuela hitz eman konponduko zutela. Hura ez zen magia, informazio eta pistekin lan egitea baizik. Jakerrek, aldiz, hainbat helbide, foro, galeria, web eta pertsonen datuak eskatu zizkien. Azkenik ohiko kontratuen baldintzak azalduta, bi enpresariek sinatu zuten. Hurrengo egunean Elena berriro agertuko zen, denboraz, lasai eta zehatzago, arte eta faltsutzeaz mintzatzeko. Ikerketa-ildoez hitz eginen zuten. Eguerdian bi ikertzaileak ondoko jantoki batera joan ziren elkarrekin bazkaltzeko eta lasai, aparteko patxadaz hitz egiteko. Jaker harrituta zegoen Begoñaren lagunarekin. Jakerrek uste zuen enpresa-emakumeak izateko bitxiak zirela, bazutela anbiguetate eta arinkeria puntu bat. Manuk ez zuen pentsatzen hainbesterako zenik, baina onartu behar zuen on Tomas eta beste enpresari batzuk bestelakoak zirela. –Ez nauzu konbentzituko –izan zen Jakerren komentarioa. –Ez dut ulertzen zergatik erraten duzun. Azken batean negozio bat daukate eta ahal dutena egiten dute aurrera egiteko. Negozio horiek arte eta espektakuluekin zerikusirik izateak ez du beste lanen seriotasuna, baina aktibitate ekonomikoa da azken batean. Eta Elena? Ez al zaizu iruditzen serioa eta profesionala dela? –Bai, bera bai. Hala ere, Pepi eta Maribel Erbiti bestelakoak dira. Ez dirudi serioak direnik, friboloak baizik. Agian bai, arte eta denbora-pasako negozioak izateagatik izanen da! –Manuk aspaldi ezagutzen zituen Begoña eta Pepi eta pentsatzen zuen enpresariak izateaz gain irekiak eta atseginak zirela. Arratsaldean, bi ikertzaileak kasu berriaren lan-ildoez mintzatzen aritu ziren. Informazio osoa eta zalantzak hurrengo egunean argituko zituzten. Hala ere, zekitenagatik, bi gauza egin ahal zuten, alde batetik eman zizkieten pertsonen izenetatik abiatu eta haiei buruzko informazioa jasoko zuen Jakerrek; eta bestetik, ikertu pertsona haien ondoan ahalik eta hurbilenetik egiten zutena. Susmagarri haietako batzuk tailer batean ari ziren margotzen, zeinetan bazkide izateko Lorentxok izena ematen ahal zuen. Bigarren eginkizun horretarako Gorka eta Lorentxo ibiltzen ahal ziren arratsaldeetan, susmagarrien bizitzak aztertzen. Gainera, Lorentxok arteaz bazekien zerbait eta interesa izango zuen. Gazte hari galdetu ziotenean adierazi zuen jarraipena gustura egingo zuela. Gorkak Lorentxoren lagun min bezala jokatuko zuen, segizioan lagunduz. Ikerketak luze joko zuenez, Manuk informazioak eta ikerketak koordinatzeaz aparte, lagundu egingo zien. Ondoren, nor bere eginkizunetara joan zen, Jaker bere ordenagailu-gelara eta Manu bere txosten eta kontu burokratikoetara. Bahiketa kontuan, Transnasa enpresaren izenean kontratatu zuena Rakel Elizalde zenez, honi bidaliko zizkion txostena eta gastuen faktura. Aparte, beste jakingarri batzuen txostena bidaliko zion helbide elektronikora. Aspaldian espero zuten deia izan zuten. Jabier Lopezek baieztatu zien tortura eta sadismo sarea desegiteko bileraren berri eman behar ziela. Erailketa kasuak Tutera inguruan eman ziren, baina tortura eta snuff kasuak Bilbo, Donostia eta Zaragoza artean izan zirenez, baita Logroñon kasu bat, Logroñon elkartzea erabaki zuten. Asteburuko planetik haruntzago, aurrerantzean nola jokatu ere erabaki behar zuten. Ortzegun arratsaldean Logroñon partaide guztien bilera ospatuko zuten, Jaker eta Manu ere partaide izanik. Lana bukatutakoan, auzora bidean norbaitek jarraitzen zuela pentsatu zuen Manuk. Atzetik jarraitzen zuen gizona hogei bat metro atzetik zebilen eta besterik gabe bide berdinetik ibiliko zela pentsatu zuen. Hala izango zen, auzora ailegatzean beste alde batera mugitu baitzen. Lagunekin elkartu zenean erran zien badaezpada arretaz begiratzeko, norbaitek atzetik jarraitzen baitzuen. Ibiltzera atera orduko gai hori jorratu zuten lagunek. Honek ikertzaile bezala zituen arriskuak eta etorkizuna hasi ziren aipatzen. Felixek maiz ikusten zuen ikertzailea lanetik ateratzean eta zein nekatuta eta kezkatuta izaten zen aipatu zuen, Manu han izan ez balitz bezala. –Manu beti ibiltzen da larri eta kezkatuta. Zuek ez duzue ikusten eguerdian. Gauean laneguna bukatuta, hobeki sentitzen da, baina eguerdian ez du lanarekin etenik egiten. –Bai, nik ere pentsatzen dut lan horrek kalte egiten diola –aipatu zuen Patxik, konfiantzarik handiena zuen lagunak. Manu haserretzen hasi zen. –Aizue, hemen naiz eta ez dut uste hain gaizki nagoenik. –Ba..., gero eta okerrago ikusten zaitut nik ere –aipatu zuen Joxek. –Mila esker guztioi nitaz arduratzeagatik, baina ez didazue laguntzen aipamen horiekin. Benetan hain gaizki ikusten al nauzue? –Bai –izan zen hiruron erantzuna. Etxera itzuli baino lehen Manu gurasoenetik pasa zen. Ama eta aitarekin egon zen zerbait afaltzen zuten bitartean. Gustura egon zen haiekin aspaldiko partez ez baitzuten hitz egiteko astirik. Dena den, gurasoak ere bere lanaz kezkatzen ari zirela egiaztatu zuen. Gero, berandu zenez etxeratu zenean deitu zien emazte ohi eta seme-alabei. Seme-alabak, lehenago egin ez zituzten etxeko lanak egiten ari ziren. Emazteak leporatu zion haiekin gutxitan eta presaka ibiltzeagatik. Berak ere onartu zion lan hark ez ziola bizitzen uzten. Kexa baino kezka adierazten zuten hitzok. Junek eta Mikelek asteburuan ibiltzeko eskatu zioten, baina ikertzaileak ezin zuen ezer ziurtatu. Handik gutxira, penatuta ohera joateko zorian zegoenean telefono dei bat izan zuen. New Yorkeko laguna zen, Iñaki. Orduagatik desenkusatu zen. –Kaixo Manu. Laneguna bukatuta, zuri deitzeko gogoa sartu zait. Hemen arratsaldea da eta espero dut ohera joan baino lehen harrapatzea. –Kaixo Iñaki, zer moduz? Orain joatekotan nintzen, baina ongi egin duzu deitzean. Gustura hartzen dizkizut deiak. –Nik ere bai zureak. –Noiz etorriko zara Iruñera? –Sanferminetarako. Josetxoren berririk al duzu? Une batez Manuk ahaztu zuen eguneroko bizitza. Lagunarekin iragana eta etorkizuna izan zituen buruan. Maiatzaren 4a, ortzeguna Egun ederra zen. Egia erranda ez hain ederra, baina udaberria zela nabari zen eta Manuk bizitza sentitu zuen, kanpoan, naturan eta bere baitan ere bai. Arratsaldean autoan ibiliko zen derrigorrez, baina goizean oinez abiatu nahi zuen lanera. Etxe ondoko dendan ogia eta egunkaria erosi zituenean zerbait arraroa sentitu zuen. Ingurura begira ez zuen inor edo ezer deigarririk ikusi, baina norbait bere peskizan zegoelako susmoa ez zitzaion joaten. Alde zaharrera igotzen ari zelarik, disimuluan baina arretaz begiratzen zuen atzera betaurreko bereziak erabiliz. Eguzkitarako betaurreko haiek aldeetan ispilu txikiak zituzten eta inork nabaritu gabe atzera begiratzen ahal zen. Jakerrekin elkartu zen atarian. Bulegoan sartu orduko gazteak bere gustuko kafea prestatu zuen. Manuk ordenagailua piztu eta korreoa begiratu ondoren sukaldera joan zen kafea hartzera. Lorentxo heldu zen orduantxe eta hirurek komentatu zuten nola jokatu eta banatuko zuten lana, arte-iruzur kasu hartan. Elenari utziko zioten dena azaltzen, baina Lorentxok, pintura-tailerraren martxaz arduratuko zenez, kopiatutako lanez galdetuko zion. Jaker Frantziako merkatariez eta iruzurren merkatuez interesatuko zen, leku haiek eta gaizkileak ikertu ahal izateko; eta Manu, alde legalaz, teknikoaz eta arriskuaz arduratuko zen. –Zuek egin itzazue behar dituzuen galderak, baina argi izan emakume horrek bere jakinduriarekin markatzen ahal duela ikerketan asmatzea edo alferrik ibiltzea. –Laguntzaileek ulertu zuten artearen alderdi teknikorik gabe galduta zeudela eta onartu zuten. Gainera, biek pentsatzen zuten, hain beharrezkoa zenez, ez zutela aholku haren beharrik. Elena agertu zenean kafea eskaini zioten eta bulego-gela nagusira joan ziren sofa eta besaulkietan esertzera. Erdiko mahaian, behin kafeak erretiratuta, emakumeak txosten batzuk, liburuak eta argazki bildumak utzi zituen, bere azalpenetarako lagungarri. Lorentxo presaka zebilenez lehenago hasi ziren berari zegozkion kontuekin. Elenak azaldu zizkion Lorentxori zein ziren susmopean zituzten margolanak. Argazkietan Pollocken The she-wolf edo Otso Emea, Sekretuaren Zaindariak, Arra eta Emea eta Stenographie bezalako margolanen oso antzekoak, baina desberdinak ziren margo iruzurtiak erakutsi zizkien eta haiek bezalakoak ere Monet, Sezanne eta Van Goghenak ziruditen beste batzuk. Denak Van Goghen Gau Izartsua bezalako lan bati begira geratu ziren. Lorentxo liluratuta zegoen. Beraren gustukoak ziren margolari eta estiloak izanda, interes handiz jarraitu zuen dena. Mutil gazteak estiloez besteek ulertu ez zuten galdera teknikoren bat egin ondoren, kopiatzailez galdetu zion. Konpañia kaleko tailerrean Txomin Barbarin eta Maria Irisarri ikertu behar zituen, kopia onak eta bertsioak egiteagatik ziren famatuak. Lorentxok beste galdera bat egin zion. –Analisiek ez al zuten iruzurrak zirela erakutsi? –Ez. Eskaneatuek eta materialek garaikoak izan zitezkeela erakutsi zuten. Hala ere, badago erlazio bat margolanen nagusiak, martxantak eta margolari hauen artean. Ahal bada beraien lagun bihurtu behar duzue. Zuk zer maila duzu margolari bezala? –Lorentxok aurpegi serioa jarri zuen. –Estilo horiek maitatzeaz aparte, zale hutsa eta ni ez naiz lagunak nolanahi egiten dituen horietakoa –Manu tartekatu zen gaztea animatzeko. –Zu zara gure artean tailerrean zale bezala sartzen ahal den bakarra. Gainera, Gorkak lagunduko dizu eta lortuko du hurbilpena. Arte-salerosleak jarraitu zuen mundu hartako gora-beherak kontatzen. Jakerrek Elenari merkatariez eta iruzurren merkatuez galdetu zionean, honek Pariseko Alicie Duval eta Didier Marsillac izenak eman zizkion eta adierazi zion zehaztasun gehiagorik ez zuela. Adituak informazioa eta argazkia pasa zizkion memoria batean Jakerri. Gauzak nahiko garbi zeudenez, Manuk alderdi legalak eta teknikoak argitzeko eskatu zion, lan-mahai gainean dokumentu batzuk erakutsiz. Horretan sartu baino lehen, Lorentxok eta Jakerrek agurtu zieten eta beren eginkizunetara abiatu ziren, bata bere ohiko lanera eta bestea ondoko bulegora. Elena joan zenean Jakerrek zalantzazko margo haiei buruzko informazioa erakutsi zion Manuri. Jakerren ordenagailuak erabili zituzten, mahaigainean, eta pantaila handian, margolari famatuen lanak eta aurkitutakoak konparatzeko. –Oso antzekoak dira –erran zuen Manuk. –Niri berdinak iruditzen zaizkit –gaineratu zuen gazteak. –Ez dira, ba! Konparazio hauek Lorentxori erakutsi behar dizkiozu. –Ongi da, baina iruditzen zait ezinezkoa dela faltsuak direla antzematea. Lanpetuta, bi kasu zerabiltzaten bien artean eta bakarrik Lala, Lorentxo eta Gorkaren laguntzaz ez zuten aski denbora ongi lan egiteko. Egia zen prostituten kasua asteburuan baino lantzen ez zutela, baina horrek erran nahi zuen asteburuan ez zeukatela atseden hartzeko eta etxekoekin lasai egoteko aukerarik izanen. Bi ikertzaileek egun hartan laster bazkaldu, atseden txikia egin eta lauretarako Logroño bidean izanen ziren. Arteaz eta Elenaz mintzatu ziren. –Harrigarria da askotan zer gutxi baloratzen eta ordaintzen den artea edo literatura, eta bestetik zein garesti jartzen dituzten batzuen lana. Manu, espekulazio hutsa da mundu hau! –Eta kirol mundua ez? Zenbat neke eta lan oinarrizko kirolean eta zenbat milioi puntako kirolari bati fitxa egiteko! –Bai, hala da. Kasu honetan berdin gertatzen dela iruditzen zait. Arte merkatariek eta galeristek dirutza irabazten dute, espekulatu ere bai. Ez dakit zenbat artelan faltsu izanen den. Horrekin batera Elena bezalako langileek ikerketa eta lan isila egiten dute batzuk aberasteko. Arratsaldean, hirurak pasata Logroñora abiatu ziren polizia eta ikertzaileen koordinazio-bilerara. Ordu eskas batean egin zuten bidaia. Autobia luxu bat zen, aspaldiko bide txarrarekin konparatuz. Hala ere, itzalpeko peajeaz eta nafar guztiek ordaintzen jarraitu behar zuten dirutzaz oroitu ziren. Irratiko musika klasikoa jarri zuten hasieran, baina Jakerrek Laboaren diska bat aurkitu zuenean biak kantatzen hasi ziren eta errematerako Bon Jobiren abesti ezagunekin oihuka sartu ziren Logroñon. Animatuegi ez jokatzeko itzali eta ingurabideko sarrerei egin zieten kasu. Madrileko etorbidea hartu eta Espolonera helduta lur azpiko aparkalekuan sartu ziren denborarik ez galtzeko. Handik gertu zegoen hotelera joan ziren. Manu eta Jaker hoteleko bilera-gelan sartu zirenean berandu zen. Laurak pasata, prostituten tortura kasuak ikertzen zituzten taldeetako koordinazio-buru guztiak eta beste ikertzaile batzuk topatu zituzten: mahai handi eta zabalaren inguruan, Isidoro Markina inspektorea Ertzaintzakoa, Ramon Zudaire foruzain-inspektorea, Demetrio Besteiro zibilen subtenientea, Santiago Alonso poliziako komisarioa, Benito Sabala Bilboko ikertzailea eta Fernando Muñoz Logroñokoa. Jaker eta Manu mahaiaren aurreko aldean eseri ziren. Gehienak ezagunak, berehala polizia eta zibila hasi ziren egoera eta izandako gertaerak errepasatzen. Beraiek hartu nahi zuten agintea. Besteirok leku desberdinetan izandako torturak eta erailketak zerrendatu ondoren, Alonsok aipatu zituen beste ikertzaile eta polizia-talde buruen eginak. Hasieratik besteak izendatzeko abizenen aipamena inposatu zen, formalitate eta profesionaltasunerako nahia azpimarratuz eta laguntasun giroa baztertuz. Ikertzaile pribatuek espero zuten polizien jokaera hura, baina Foruzainen inspektoreak eta Ertzaintzako buruak ez zuten baztertze hura onartu. Ramon Zudairek hartu zuen hitza: –Jaunok, Besteirok eta Alonso jaunek ongi laburtu dute egoera, baina ez dugu ahaztu behar oraingoz oso gutxi daukagula. Raul eta Walter txuloek ez digute ia ezertan lagundu, Tutera inguruko pisu batzuk ixten izan ezik. Gaizkileen buruak gure eskuetatik urrun daude. Denak hasi ziren batera hitz egiten, eztabaidatzen, elkarri aditu gabe. Manuk, mahaian kolpe bat emanez isiltasuna eta banan banan mintzatzea erregutu zien. Isiltasuna egin zen. Bazirudien inork ez zuela esatekorik. Handik gutxira Sabalak adierazi zuen bere ustez egin beharrekoa: –Jaunok, hildakoak eta kasurik larrienak Tuteran gertatu zirenez, eta pistarik argiena Bilboko sadikoena denez, Foruzaingoko Zudairek eta Bilboko Ertzaintzako Markina inspektoreak antolatu duten sarekada prestatzea eta borobiltzea proposatu behar dizuet. Bestela ere, orain arteko lekuetan ez ezik Irun, Donostia, Zaragoza, Logroño eta Gasteizko diskoteketan zaintza prebentiboa antolatu beharko genuke. Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak lan handia izanen du Zaragozatik Gasteizerako bideetan kontrolak jartzen eta ikertzaile pribatuek Hackerrekin batera informazio sareak prest izan behar dituzte. Baiezko borobila eman gabe ere, denek onartu zuten ideia eta hiru talde antolatzea adostu zuten. Nazionala eta Zibila Ebro bailarako bide eta hirietako kontrolak antolatzen hasi ziren; Ertzaintza eta Foruzaingoko buruak hiri batzuetako zaingoak prestatzeaz gain, gaizkileak harrapatzeko Bilboko sarekada zehazten arituko ziren eta ikertzaile pribatuek komentatu zuten nola osatuko zuten inteligentzia zerbitzua. Denek informazioa trukatzeko eta errazteko Dropbox eta WhatsApp talde bana antolatu zuten Polizia Nazionalak gidatu nahi zituena. Telefono mobilen zenbakiak eta helbide elektronikoak eman zizkioten Alonsori. Bi ordu pasa ondoren bilera bukatutzat eman zuten. Manuk bukatu baino lehen proposatu zien besteei larunbat gaueko Bilboko sarekadarako azken koordinazioak eta berriak izateko egun berean arratsaldeko bostetan zuzeneko Scape-konferentzia bidez gauzatzea. Larunbat gauerako plan bat antolatu behar zuten sadiko talde hura zutela aprobetxatuz. Altxatzen ari zirela, Fernando Muñozek pintxo-pote bat hartzea proposatu zien guztiei. Manuk onartu zuen garaiz ari zirelako eta pote azkar bat hartu ahal zutelako. Sabalak, Markinak eta Ramon Zudairek ere onartu zuten, baina Besteirok eta Alonsok desenkusatu ziren. Ikertzaileek eta inspektoreek gustura hartu zuten pintxo-pote bana, aspaldiko harremana berritzen zuten bitartean. Handik ordu betera Iruñean ziren eta Manu lagunekin elkartu zen. Egun hartan ez zen Patxi agertu gaixorik zegoelako. Joxe eta Felix martxa arina hartu zuten eta Manu atzean uzten ari ziren handik gutxira. Hamar bat metro aurreratuago barre egiten zioten lagunari. Manuk mugimendu arraroa egin zuen lokarriekin oztopatu izan balitz bezala eta lotzeko belaunikatu zenean besteei deitu zien itxoiteko eta hurbiltzeko. Barre-algaren artean Felixek zerbait erran zuen: –Lagun. Oso motel eta makal zabiltza. Orain ez disimulatu lokarriekin! –Manuk ahopeka erantzun zion. –Disimuluz begira iezaiozue sudadera beltza daraman gizonari. Zuetako batek har dezala ezkerretako bidea eta kontrolatu zer egiten duen, nire atzetik dabilen edo nire imajinazioa den. Hurrengo bide elkarketan gure atzetik arituz egiaztatuko duzue. –Joxek berak egingo zuela erran zuen ahopeka, bide hartatik jarraitu zuenean. –Ongi da, baina ez egin ezer gehiagorik. Egiaztatu jarraitzen nauen eta kito. Tabernan elkartuko gara. Mila esker. –Felixek eta Manuk jarraitu zuten aurrera lagunarengandik despeditu izan balira bezala. Ez zuten atzera begiratu eta jarraitu zuten. Felixek galdetu zion arriskuan ote ziren. Manuk egia erran zion. –Ez dut uste, baina badaezpada kontuz jokatu behar da. Ziur aski ez da profesionala izanen, baina nire urratsak jarraitzeko agindu diote. Itzultzen garenean jakinen dugu. Orain buelta eginen dugu. –Toki-Alain Felixek hiru garagardo atera zituen. Joxe agertu zenean botilari trago handia eman zion zerbait erran baino lehen. Manuri begira harridura adierazi zuen. –Morroi hori zuen atzetik ibili da denbora guztian. Itzuleran ere egin du eta hona sartu zaretenean une batez geratu da, zerbait apuntatu du eta joan egin da. Ikertzaileak lagunei azaldu zien ez zutela apuratu behar. Lanbide hartan espioitza eta kontraespioitza normalak ziren eta badaezpada egiten zituen egiaztapenak. Hala eta guztiz ere, ez zegoen oso eroso. Ez zien adierazi ideiarik ez zuela eta kontuz jokatu behar zutela. Agurtutakoan nor bere etxera erretiratu zen. Gauean etxekoekin mintzatu zen asteburua antolatzeko. Lehen-lehenik Amaiarekin mintzatu zen ortzirale gauean berarekin egonen zen ala ez jakiteko. Lan handia zuen emakumeak eta larunbatean lana zuen. Edonola ere, biharamunean, ortzirale arratsalderako geratu ziren. Ondoren, familia-etxera deitu zuen. Junek erran zion ez zuela zinera joan nahi, Gaiarreko ikuskizun batera baizik. Gero, Mikelek bere eskakizuna egin zion, berak alde zaharreko taberna ezagun bateko pintxoak janez afaldu nahi zuen. Mireni kontatu zion Amaiarekin egongo zela gauean eta honek ez zion eragozpen gehiegirik jarri. Hala ere, ez zuen kezkatzen zuena isildu. –Manu, espero dut kontuz ibiliko zaretela! –Zer erran nahi duzu, jo eta jo oihuka arituko garela? –Badakit ezetz, baina nahi gabe biluzik edo... harrapa zaitzaketete. –“Ketekete” gehiegi imajinatzen duzu! –Barkatu. Jeloskor edo jarri naiz. –Barkatu, baina badakizu ez nintzatekeela inorekin ibiliko zuk nahi izanez gero. Isildu ziren, baina biek bazekiten beraien arteko harremanetan nahi eta ezin zebiltzala, ez zirela normalean erabat gustura ibiltzen. Biek nahi izango zuten elkarrekin jarraitu. Dena den, Mirenek ez zuen Manuren lanagatik elkarrekin jarraitu nahi eta Manuk ezin zuen bere lana baztertu. Gehiago ez mintzeko bertan behera utzi zuten gaia eta elkar agurtu zuten. Maiatzaren 5a, ortziralea Irratian eguraldia iragartzen ari ziren. Egun hartan zeru estaliak eta tenperatura epelak izanen zituzten goizetik. Sargori puntua nabari zen. Euria eginen zuen arratsalde eta gauean. Egun hartan, beranduxeago hasiko zen lanean, auzoan erosketa batzuk egin behar zituelako. Etxetik atera zenean ez zuen inor espiatzen nabaritu. Erosketak egin zituen larunbateko gosaria eta bazkaria prestatu ahal izateko. Afaltzeko legatza erosi zuen. Irin-arrautzeztatuta egingo zuten pintxotara joan ezean, baina bestela gordeko zuen beste baterako edo izozteko. Bazkaltzeko entsalada anitz on bat intxaurrekin prestatzeko osagaiak erosi zituen eta oilategiko oilasko eder bat. Etxera bidean inork ez zuen jarraitu ezta alde zaharrera oinez igo zenean. Jarraitzaileek jakinen zuten non bizi eta nondik ibiltzen zen. Bulegoan Lala zegoen. Jakerrek eta berak hitz egin zuten etorkizunaz. Neska pozak zoratzen zegoen. Beraiekin lan egitea bere ametsa zen, inoiz errana ez bazuen ere. Manuri eskerrak eman zizkion lankide bezala onartzeagatik. Honek gogoratu zion agian damutuko zela eta denak barre-algara batean aritu ziren. Lalak ez zuen ortziralean klaserik eta azterketa batzuk prestatzeaz aparte larunbateko sarekadan hartu nahi zuen parte. Manuk berari laguntzen utziko zion, baina ez zion utzi erabat sartzen. Segurtasuna eta autodefentsa ikastaroak egin behar zituen benetan parte hartu baino lehen. Bestalde, aseguratu eta Gizarte Segurantzan alta eman beharko zuen. Aurreko eguneko bilera komentatu zuten. Ez zen ohikoa horrenbeste polizia talde desberdin eta ikertzaile pribatu elkarrekin lanean aritzea. Bestalde, nabarmena zen testosterona eta denak gizonak zirela. Lanbide haietan emakume gutxi aritzen zen eta are gutxiago aginte postuetan. Emakumeentzat giro txarra eta itogarria zen. Lalari bost axola zion giro horrek. Prest zegoen horretan lan egiteko, ikertzen ibiltzea maite zuelako. Lalak horrela adierazi zuen. –Oso garbi daukat lanean zuekin gustura ibiliko naizela eta prest nago matxistekin lan egiteko. Denbora gutxian ziurtasunari buruzko ikasgaia gainditu eta autodefentsa praktikak eginen ditut. Nahiz eta denborarekin gauza gehiago ikasi eta praktikatu, bi hilabete barru prest izanen naiz zuekin ibiltzeko eta laguntzeko –Jakerrek barre egin zuen eta bere iritzia eman zuen. –Esperientziaz erran behar dut nahiko ongi defendatzen zarela eta uste dut nik ere gehiago ikasi behar dudala. Agian neuk ere kriminologia ikasi behar nuke. –Lanaz gain ez duzu denborarik modu arruntean ikasteko. Nahi izanez gero, urrutiko unibertsitatean ikasten ahal duzu poliki-poliki eta nik lagunduko dizut. –Inbiria ematen didazue. Nik ere ikasi behar nuke –izan zen Manuren komentarioa. Lalak bestela pentsatzen zuen eta adierazi zuen. –Manu, zuk daukazu benetan inporta dena: esperientzia. Arratsalde eta gauean libre ibili nahi zuen Manuk. Jaker eta Lala ordenagailuetan aritu ziren arte-iruzur kasuarekin ikertzen jarraitzeko. Mutilak kasuaren zehaztasunak kontatu zizkion neskari eta Manuk lan burokratikoa eguneratu zuen txostenak osatuz. Eguerdian denek lana utzi zuten hurrengo eguneko arratsaldea arte. 6. Manuren egoera pertsonala Eguerdian, Manu Toki Alaitik pasa zen zerbait bazkaltzera. Felix jantokia prestatzen hasia zen. Goiz zen eta Manu, laguna agurtu ondoren sukaldera sartu zen Gabrielarekin pixka batean egoteko. Sukaldariak barazki-menestra, borraja eta entsalada Zesar zituen aukeran. Bigarrenetarako filete errusiarra, oilasko-izterrak eta txitxarro. Emakumeak lehen platerak zituen prest eta bigarrenak egiteko prest, jatunei egin berritan emateko. Gabrielak irribarre batekin hartu zuen Manu. –Zer moduz zaude Manu? Inoiz ez dugu lasai hitz egiten. –Hori bera pentsatu dut neuk ere. Ni nahiko ongi nago, nahiz eta familiarekin nahi adina ez ibili. Zu nola zabiltza? –Azken aldian hobeki. Eskerrak Felix eta biok oporrak hartzen hasi garen eta arratsaldeetan ordu batzuetan ordezkatzen gaituzten. Zuk eta Mirenek hitz egin behar zenuten. –Zergatik diozu? –Oraindik elkar maite duzuelako. Oporretan eta elkarrekin ibili garenean oso nabarmena izan da zuen artekoa oraindik ez dela bukatu. Banatzen zaituzten hori baino ez duzue konpondu behar. –Gabriela, gehiegi esatea da. Zergatik bota didazu horrelakorik? –Biok maite zaituztegulako. Berriro elkartu arte ez zarete benetan zoriontsuak izanen. –Ai Zelestina...! Sukaldari ona zara eta lagun ona, baina ez dut uste igarle bezala etorkizuna duzunik. –Zuk uste? Gizonak sukaldean bertan hartu zituen borraja eta txitxarroa. Ondoren etxeko natillak hartu eta barrara mugitu zen Felixekin une batez egoteko. Handik denbora gutxira berriro elkartuko zirenez etxera joan zen kuluxka egitera. Arratsaldean lagunekin elkartu zen ohi baino lehenago ibilaldia egin ahal izateko. Laurok Arga beherako bidea egin zuten Landabeneraino eta itzuli. Ez zuten inor begira nabaritu. Zazpiak aldera Manu, June eta Mikel alde zaharrera heldu ziren eta Amaiarekin elkartu ziren taberna batean. Pintxo-potetan ibili ziren eta bederatzietarako Gaiarrera hurbildu ziren ikuskizunaz gozatzeko. Anne Etchegoyen gustura entzun zuten bere istorio eta abestiekin. Gauean denak pozik jaitsi ziren Manuren etxera lo egitera. Etxera heltzean Mikelek solas berezia izan zuen Manurekin, biak komunean hortzak garbitzen ari ziren momentuan: –Zuk bakarrik eginen duzu lo? –Ez. Amaiarekin. –Nik ere berarekin egin nahi nuke. –Brometan ala? –Ez. Manu, askatasuna behar genuke nahi dugunekin lo egiteko. –Arrazoi duzu, Mikel eta horregatik eginen dugu lo elkarrekin. Orain utzi tontoarena egiten eta zoaz zure ohera. –Beno, baina Amaiari galdetu behar genioke norekin egin nahi duen lo –erran zuen irribarrez eta begirada pikaroa jarriz. Maiatzaren 6a, larunbata Amaia goiz joan ondoren gosari ederra prestatu zuen aita zoriontsuak. Goizean elkarrekin ibiliko ziren hirurak. Eguraldi hobea zuten, eguzkitsu eta epela. Planetariora joateko asmoa zuten. Manuk gogotsu hasi zuen eguna seme-alabekin ibiliko baitzen. “Donostiatik Iruñera” izeneko argazki erakusketa ikusi zuten, “Deep Sky” izeneko filma, azalpena eta proiekziora sartzeko denbora egiten zuten bitartean. Hamabi eta erdietan, puntualki argiak itzali ziren eta unibertso misteriotsuari buruzko odisea eta bidaia birtuala egin zuten. Laurogeita hamar minutuz eguneroko errealitatetik kanpo izan ziren. Dena den, hura ez zen osotara egia, Manuren kasuan behintzat. Ikertzaileak pentsatu zuen zeru hura bezain sakona zela Internetekoa: zerbaitengatik Web Sakona bezala ezagutzen zen hartan errealitate ezkutua eta delinkuentziarako merkatu beltza zegoen. Jakerrek, Internen ibiltzeko oso trebea izanda ere, ez zuen orduko emakumeen salerosketarako haririk edo pista onik topatu. Ikuskizuna bukatu zenean hurrengo egunetakoei begira geratu ziren. Mikelek Dinosauroei buruzko filma ikusteko gogoa adierazi zuen. Junek ere ikusitakoarekin liluratuta “Planetec” izeneko filma eta proiekzioa hurrengo larunbatean arratsaldean ikusi nahi zuen. Aita gizajoak ahal zuen bezala lasaitu zituen, kontuan izango zuela eta ahal izanez gero planetariora itzuliko zirela hitz emanez. Bi ikuskizunak jarraian ikusi ahal izango zituzten. Bazkaldu eta atseden pixka bat hartu ondoren Manuk familiaren etxera eraman zituen alaba eta semea, hauen kexue artean. Dena den, bai Mirenek eta bai Manuk aspaldi azaldu zieten Manuren lanagatik arriskua izaten ahal zutela eta onartu egin zuten. Familia hartan bazuten paranoia barneratuta. Arratsaldeko bostetan Jakerrek eta Manuk Scape-konferentzia egin zuten Markina eta Zudaire inspektoreekin. Lalak neska txintxoaren papera bete zuen eta isilik, atzean geratu zen denari arretaz kasu eginez. Azken berriak onak ziren. Sadiko talde hura harremanetan zen neska-saltzaileekin eta diru askoren truke neska gazte batzuk eskaini zizkieten. Gauean Barakaldoko Kong diskotekan geratu ziren. Markinak plana kontatu zien. Beranduago, seietan Lorentxo eta Gorka agertu ziren eta aprobetxatu zuten arte-iruzurraren gora-beherak komentatzeko. Lorentxo gustura hasi zen pintura tailerrean eta Gorkak lortu zuen hango margolari batzuekin harremanak izatea. Margolari ona zen Michelle izeneko neskarekin ligatzen hasia zen. Emakume interesgarria zen Michelle, pertsona eta artista bezala. Ongi margotzen zuen eta erakusketa batzuk eginak zituen, baina ez zuen lortu profesional bezala ezer askorik. Gorkak espero zuen egindako laguntasun harreman horien bidez iruzurgile izan ahal zirenak ikertu ahal izatea. Hala eta guztiz ere, bi mutilak ez ziren asteburuan arte-iruzurraren ildotik ikertzen arituko. Gainera ez ziren besteekin Bilbora joango, Tuterako diskotekaren inguruan zelatan ibili baizik. Taldekoak berandutzen ari ziren eta meriendatzera joan ziren. Bokata batzuk hartuko zituzten gustura, baina azken urteetan arratsetan bokatak egiten zituzten taberna asko desagertu zen alde zaharretik edo besterik gabe ez zituzten egiten, pintxoak eskainiz. Dena den, pintxo goxo batzuk hartu zituzten kaina batzuekin. Zazpietan bi ikertzaileak eta Lala prestatu egin ziren Bilbora abiatzeko. Jakerren autoan joan ziren. Ordu eta erdian han izango zirelakoan, musika baxua eta atsegina jarri zuten. Kriminologia ikasketaz eta ikertzaileen beharrez mintzatu ziren. Lalak alde praktikoen beharrak aipatu zituen eta Jakerrek lanbidean bi urte eskas pasa zituenez, arrazoia emateaz gain, legediaren ezagutza eta psikologiaren beharra azpimarratu zituen. Manuk, aldiz, Jakerren trebetasuna goraipatu zuen, interneten bidez ikertu ahal izateak ikaragarri lagundu baitzien lanean. Altubera iristean abiadura handian zebilen auto batek peajera hurbiltzean beste auto bat jo zuen eta ondorioz karanbolaz beste bi autoren kontra jo zuten. Eskerrak abiadura gutxituta istripuak txikiak izan ziren. Beraien autoak ukitu eta urratu batzuk baino ez zituen jaso. Tamalez istripuaren ondorioz zirkulazio eragozpenaz aparte ordu erdi bat pasa zuten parteak betetzen. Deustuko komisariara heldu bezain pronto, inspektoreekin eta Benito Sabala ikertzailearekin elkartu ziren. Istripuaz jakitun, haien zain geratu ziren. Bederatziak pasa zirenez, kanape eta edari batzuk eskatu zituzten zerbait afaltzeko. Logroñon ezagututako Benito Sabalak kontatu zien, sadikoak aspaldian harremanetan ari ziren lau desorekatu omen zirela. Bakarka edo taldeka elkarrekin saioak antolatzen zituzten, baina azken aldian mugarik gabeko jarduna lortu zuten diru dezenteren truke. Sadiko haietako batek, mugak pasatzen ari zirela pentsatuz, neska gaixo bat askatu zuen eta gaizkile haien berri eman zion Ertzaintzari. Zoritxarrez, polizia mota guztiekin lan egiten zuten Hackerrek ezin izan zuten gaizkileen jatorrizko egoitza kokatzerik izan. Gaizkileek Internet Sakonean jokatzen zuten eta TOR nabigatzailearen bidez ezabatzen zuten beren abiapuntua. Jakin izan zutena zen mafia kolonbiarrak kontrolatzen zuela eta harremanetan zeudela Europa ekialdeko eta Nigeriako talde batzuekin. Harrigarriena zen gaizkileak Bilbotik Zaragozarako lurraldean jokatzea zen. Frantzia, Italia, Espainia eta Britainia Handiko hirien kanpoaldeetan ere aritzen baziren ere, ordura arte emandako tortura eta erailketa kasu gehienak zonalde hartan gertatu ziren, gehien bat. Barakaldoko Kong diskotekara abiatu ziren. Sadikoek kontatu zuten bezala, diskoteka inguruan leku asko ziren emakume gaixoen jokalekutzat har zitezkeenak. Diskotekan baino gehiago inguruko pub-etan mugitzen ziren drogak eta prostituzioa. Operatiboa Ertzaintzako Markina inspektoreak gidatuko zuen furgoneta handi batetik komunikazio-gunea antolatuz. Ramon Zudaire, Manu Elkano eta Benito Sabala ere han kokatu ziren. Ertzaintzako Ana Bolibar subinspetorearekin ibiliko ziren Lala eta Jaker, Sadiko#1 eta Sadiko#2-ren ondotik. Azken momentuan WhatsApp bat jasoko zuten neska esklaboak diruaren truke aldatzeko. Treep pub-era joateko abisua jaso zuten. Telefonoa bikoiztuta zutenez, ertzainek momentu berean jakin zuten dena. Ana, Lala eta Jaker aurreratu ziren pub-ean sartzen. Edariak eskatuta, ordaindu eta txoko batera mugitu ziren sadikoek edariak eskatzen zituzten bitartean. Ana Bolibarrek kontatu zien besteei zer espero ahal zuten. –Sadikoak adin ertaineko bestaldeko bi gizon haiek dira. Bata burusoila eta ileurdina bestea. Biek txintxo aurpegia badute ere, onartu dute jendeari min ematen hartzen dutela atsegin. Ez dira hiltzaileak, baina horrelako estimuluak behar omen dituzte sexu kontuetan. Beren bikoteek ez zuten horrelakorik onartzen eta prostitutekin hasi ziren –Lala harrituta zegoen eta ezin izan zen isilik geratu. –Eta neska gazteak hil behar al dituzte? –Ez. Haiek ez. Horregatik deitu ziguten. Hala ere, badirudi neska adingabe eta babesgabeak direla orain modan daudenak. Ia ziur naiz agertuko diren neskak mehe-meheak eta oso gazteak izango direla. Kontatu digutenez, bi neskekin bi gizon latinoamerikar agertuko dira. –Jakerrek, dena den, ez zuen oso garbi zer egin behar zuten eta zuzenean galdetu zion. Anak ere zuzen erantzun zion. –Gure lana, operatiboa gaizki ateraz gero hasiko litzateke. Autoa kanpoan dugu eta jarraituko genituzke. Beraz, espero ditugunak agertu orduko autora joango gara eta zain geratuko gara. Behar bada banatuz gero, zuek oinez jarraituko zenituzkete neskak. Gaizkileak nire kontu lirateke, lankideen laguntzaz. Ordua bazen ere, beste ordu erdi bat pasa zen ezer gertatu gabe. Espero bezala “saltzaileek” dena ikuskatuko zuten “trukea” gauzatu baino lehen. Jakerrek eta bi emakumeek tontoarena egin zuten. Ordu erdi luze bat pasa zen bi gizon eta bi neska meheak agertu arte. Neskek ez zuten hamazazpi urte izango. Bata beltzarana eta bestea ilehoria ziren, eslaviarrak nonbait eta ia disimulurik gabe “Lolitaz” jantzita zebiltzan. Urrutitik ikusten zen neskak erdi negarrez zeudela. Beste mezu baten bidez hurbiltzeko adierazi zieten sadikoei. Trukea egiteko itxura egin zuten bi sadikoek, kanpotik inguru guztia ikuskatuta zuten ertzainek eta bi gaizkileez gain, beste bat aurkitu zuten auto batean. Hiru gaizkileak atxilotu zituzten eta bi neska eraman zituzten komisariara. Operatiboko ia guztiak hara mugitu ziren galdeketaren ondoriozko informazioaren zain. Bilera gela batean zerbait ahoratzen eta hizketa arinean eman zuten denbora. Hamabiak pasa ziren Markina inspektoreak informazioa eman orduko. –Jaunak eta andrea, galdeketa egin diegu. Eman dizkigute Bilbo, Zaragoza, Irun, Logroño, Iruñea eta Tuterako pisu batzuen kokapena, baita kide batzuen izena eta telefonoa ere –Benito Sabalak moztu zion jarioa. –Barkatu, erran nahi al duzu gaizkileen buruak, nagusiak harrapatu ditugula? –Ez. Nagusirik ez –adierazi zion etsituta bere ezaguna zen ikertzaileari–. Tamalez, ez dugu morroi horien gaineko inoren pistarik lortu. –Baina, aipatu duzu leku askotako pisuen kokapena eta morroi batzuen izenak lortu dituzuela! –jarraitu zuen Sadabak. –Bai. Baina horrek emakume zenbait askatzea eta gaizkile arrunt batzuk harrapatzea baino ez digu ahalbideratuko. Nagusiek komunikatzeko modu seguruak erabiltzen dituzte. Dirua, paketeetan, korreoz eta helbide seguruetan jasotzen zuten, eta aginduak kontrolik gabeko sakelako telefonoen bidez ematen zituzten. Beste lekuetako informeak jaso zituzten. Nahiz eta gaua ez bukatu, orduko bazuten egoeraren berri. Ez zuten inongo erantzule nagusirik ezta gaizkile garrantzitsurik topatu. Bilboko hiru morroi mexikarrak aparte, beste hamar bat agindupeko atxilotu zituzten. Beraien nagusi txiki edo bitartekari batzuen izen edo izengoitiek ez zuten haria jarraitzeko eman. Bestalde, euskal kostaldeko eta Ebro ibarreko diskoteken inguruetan, momentuz behintzat, ez zen prostituta zauriturik agertu. Ordu bata zen Bilbotik atera zirenean. Ordu eta erdian Iruñean ziren. Jakerrek eta Lalak Manu utzi zuten auzoan eta jarraitu zuten beren lagunekin elkartzeko. Manuk ere bereak bilatu zituen. Joxe eta Patxi beste batzuekin afaltzera joan ziren eta orduko nonbait izanen ziren azkeneko kopa edo garagardoa hartzen. Garagardotegian ez ziren, baina ezagun batek erran zion handik ibiliak zirela eta pub batera joateko asmoa zutela. Lagunek gustura joaten ziren leku hartara azkeneko kopa hartzera. Bost minutuan han zen eta espero bezala eserleku batzuetan topatu zituen. Han ziren Patxi eta Joxe, Andres eta Xabierrekin. Hurbildu zenean Mintxo ere ezezagun batzuekin mintzatzen ari zela konturatu zen. Lagunei galdetu zien zerbait edan nahi zuten. Gehienek edariak bukatu gabe zituztenez, ez zuten ezer gehiago nahi. Andresek garagardo bat eskatu zion. Harentzako eta berarentzako bi garagardo eserlekuetara eraman zituenean lagunek lekua egin zioten. Lagunak pozik zeuden bromak egiten, afari ona eta kopak hartu ondoren. Joatekotan, Mintxo hurbildu zitzaien. –Ikusten dituzue bi horiek? –erran zuen utzitako gizonak seinalatuz–. Uste dut ligatu nahi dutela. –Eta? Zer inporta zaizu bi gizonek ligatzeko asmoa badute? –galdetu zion Xabierrek erantzun arraro baten esperoan. –Ligatu, elkarrekin nahi zuten! –izan zen Mintxoren erantzuna. –Eta zuk zer egiten zenuen haiekin? Norekin ligatu nahi zenuen zuk? –galdetu zion Andresek. –Nik..., edaria eskatzen ari nintzela, atseginak zirenez galdetu diet zer moduz zeuden eta zer egiteko asmoa zuten. –Ta? Ez al zara haiekin joan? –izan zen Andresen galdera. Denen algara artean Mintxo haserretu, altxatu eta joan zen. Handik minutu gutxitara denak nekatuta zeudenez, biharamunerako geratu ziren. Maiatzaren 7a, igandea Frantziako presidentziarako hauteskundeak ziren. Beste berririk ez zen. Gosalduta, Manuk egun ederra izanen zutela iragarri zuen leihotik begiratu zuenean. Dutxatzen ari zela, telefonoaren doinua entzun zuen. Lehortu gabe, Jabierrek deitu ziola ikusi zuen. Berehala jakin zuen deiaren arrazoia: Zaragozan neska bat erdi hilda topatu zuten. Larriki zaurituta zegoen labanez edo antzeko tresnez egindako ebakiak izaki, baita hezur hautsi batzuk ere bai. Koma sakonean zegoen. Nigeriarra zen, hemezortzi urte baino gehiagokoa eta ez zen mehea; altua eta zabala baizik. Foruzainen burua desenkusatu zen deitzeagatik, baina biek bazekiten zein lanbidetan ari ziren, azkeneko berri txarrak garrantzitsuagoak ziren eguneroko bizitza baino. Hura ez zen berri bakarra. Beranduago jakin zutenez, Lizarrako Paris diskotekan arazoak izan ziren. Manuk udaltzaingoan galdetu zuen. Lizarrako Andres udaltzainarekin mintzatuko zen arratsaldean. Goizeko seietan bukatu zuen txanda eta bazkaltzeko altxatuko zenez ordurako deitzekotan geratu zen ikertzailea. Manuk Andresi deitu zion geratutako orduan. –Kaixo Andres, zer moduz emaztea eta seme-alabak? –Ongi. Aiton-amonaren etxean gaude familia-bazkaria egitekotan. Alabak ekarri gaitu Iruñera karneta atera berritan. –Etorkizuna haiena da. Guk ere familia-bazkaria dugu... –Manu..., ziur gaueko gora-beheraz galdetu behar didazula. –Bai... Zer gertatu zen diskotekan? –Ez zen diskotekan bertan. Disko ondoan furgoneta batetik neska bat atera zen zaurituta. Guri tokatu zitzaigun ospitalera eramatea. Hil nahi zutela errepikatzen zuen. Galderen bideez, kostata adierazi zigun prostituitzera behartu zutela; baina orduan zerbait, askoz larriagoa egin nahi ziotela sumatu zuen. Gizon batek mina egiten zion eta zioenez hil nahi zuen. –Furgonetaz edo gizonaz informazio gehiagorik lortu al duzue? –Ez. Furgoneta desagertu da eta inor ez dugu topatu. Neska, Guatemalatik heldu berria zen eta ezin izan digu beste informazio gehiagorik eman. –Ongi da, Andres. Mila esker. Utziko dugu solasa, besterik ez bada. Ospa dezagun bazkaria eta ahantz dezagun kaka hau momentu batez. –Hori da. Ongi ibili Manu. Bisitan ziren Lehengusina Sara eta senarrarekin une batean izan ondoren, etxekoekin bazkaria egin zuten. Etxeko guztiak zeuden eta gustura egon ziren. Halakoetan baino ez zuen ikertzaileak errealitate gordina ahazten. Bazkalondo atsegina izan ondoren banatu ziren. Aitona-amonei bina musu eman ondoren June, Mikel eta Miren beren etxera mugitu ziren eta Manu berera. Kalearen bestaldean norbait ari zen haiei begira. Egun hartan Manuren lagunek ere beren familiekin zuten hitzordua. Gizonak beste zereginik ez zuenez bere etxeko bakardadera zuzendu zituen urratsak. Behin etxeratuta, gerezi batzuk garbitu eta sofara eraman zituen jateko eta telebista ikusteko. Nekatuta zegoen eta konturatu gabe, lotan geratu zen. Esnatu zenean gauerdia zen eta lotarako prestatu zen. Maiatzaren 8a, astelehena Eguraldi ona zuten. Berrietan beste berririk ez zen. Macron garaile suertatu zen Frantziako presidetziarako hauteskundeetako bigarren itzulian: 66-34, Le Penek aurreko hauteskundeetatik askoz partaide gehiago lortu zuen. Goizean goiz, beste iruzur posible baten berri izan zuten. “Pollock” handi berri bat agertu omen zen AEBn eta New Yorkeko adituek erabateko adostasunik izan gabe ere, benetakotzat hartu zuten. Pariseko arte-galeria batean ere, Van Goghen beste Eguzki-lore berri txiki bat erakutsi zuten. Pepi Fernandezek eta Elenak adierazi zuten hark ere iruzurra zirudiela. Ezin zuten probatu, baina iruzurraren baldintzak betetzen ziren: ordura arte inork ez zuen artelanaren berri inon probatu, ezta dokumentu batean aipamenik ere, testamentu batean esaterako, nolabaiteko erreferentzia egin; lanak ezustean agertzen ziren aspaldiko familia burgesen ganbara edo traste-biltegietan; nagusiak ez ziren ohiko jabeak eta benetakotasuna adierazi zuten arte-kritikariak ez ziren zalantzarik gabekoak. Bestalde, aipatutako zalantzak aparte, ezin zuten probatu benetakoak zirela. Azterketa teknikoek ez zuten ezer arrarorik topatu. Materialak eta pigmentuak garaikoak ziren, kromatografoek ez zuten ezer berezirik topatu eta Pollocken teknikak ziren erabili zirenak. Hala ere, arraroa zen erreferentziarik gabe bat-batean agertzea. Jakerrek, beste hacker batzuen laguntzaz, Internet Sakonean arte-lanen iruzurretako web-orriak bisitatzen zituen. Hackerrak konturatu ziren web batzuek artisautza eta arte produktu desberdinak saltzen zituztela. Gehienetan lapurtutako gauzak ziren, baina beste batzuk erreprodukzio eta kopia onak, originalak eta benetakoak balira bezala. Ordura arte ez zituzten puntako margo-lanen erreprodukzio produktuen salmentarik topatu. Hala ere, susmatzen zuten jarraituz gero lortuko zutela. Dena denbora kontua zen. Lorentxo gustura ibiltzen zen tailerrean. Arratsaldeetan joaten zen eta konturatu gabe pasatzen zitzaizkion orduak. Tailerrean denek libreki margotzen zuten, noizbehinka gonbidatu batek klase bat ematen zienean izan ezik. Lorentxok Txomin Barbarin eta Maria Irisarri ikertu behar zituen, kopia onak eta bertsioak egiteagatik baitziren famatuak. Pasa zituen egunetan gehien maite zituen abstraktuen antzeko artelanak egiten aritu zen. Ez zen apartekoa, ezta txarra ere. Tailerreko margolari batzuekin harremanak egin zituen arren, Txomin Barbarinek ez zion bat ere kasurik egin. Maria Irisarri, berriz, ondoan ibiltzen zen margotzen eta berarekin mintzatzen zen arteaz eta teknikez. Jackson Pollock, Pablo Picasso, Henri Matisse, Joan Miro, Paul klee, Vasili Kandinski eta Mark Rothko ziren beraien gustuko margolariak eta biek Pollocken automatismo teknikak maite eta erabiltzen zituzten. Bitartean, Gorka joaten zen lagunaren esperoan eta Michellekin harremanetan jarraitu zuen. Emakumeak asko hitz egiten zuen eta Gorkari ez zitzaion gehiegi kosta hark susmagarrien ibilerak eta balentriak kontatzea. Nahiz eta Lorentxo eta Mariarekin zerbait hartzera ateratzen ziren, aparteko batean Maria eta Txomini buruz galdetu zion. Haietaz galdetzea ez zen harritzeko modukoa, biak baitziren tailerreko izarrak. –Maria ikusi duzu nolakoa den. Maria Irisarri oso atsegina da, baina Txomin harroa eta erabat sinistua. –Hala izanen da. Baina galdera, artista bezala zer jarrerak dituzten jakiteko zen. –Biak oso onak dira. Hala ere, Mariak denen aurrean garatzen du bere lana; Txomin, aldiz, ahal izanez gero, beste gela batean ixten da. Bulegoan, Jaker, Lorentxo, Gorka eta Manu elkartu ziren espezialistarekin bilera bat egiteko. Lorentxok eta Gorkak beren betiko lanera joan behar zuten laster, baina gaiaz gehiago jakin nahi zuten. Elena Burgi agertu zenean, ura eta kafeak hartzeko pitxerrak eta edalontziak eskura, mahai nagusiaren inguruan eseri ziren. Azken iruzurraren zalantzen ildoari jarraituz, Pollocken arteari eta bilakaerari buruz galdetu zioten. Manuk jakinminez galdetu zion. –Barkatu ezjakintasuna Elena, baina Pollockek egindako lan guztiak ez al daude testatuta edo kontrolatuta? –emakumeak pazientziaz eta umorez erantzun zion. –Pollockek milaka lan egin zituen, haietako batzuk saiakerak baino ez zirenak. Pintura automatikoa egiten hasi zenean margo pilak egin zituen neurri askotan eta paper gainean. –Orduan, ezinezkoa da benetakoak diren ala ez asmatzea! –izan zen Jakerren komentarioa. –Ezinezkoa ez. Aparteko iruzurra ez bada, gehienetan badago benetakoak ez diren jakiteko modua. Hona memoria honetan ekarri ditut azaltzeko moduan argazki batzuk. Jaker, zure pantaila handian ikusterik al dago? –Jakerrek baiezkoa egin zuen eta bere eremura gonbidatu zituen besteak. Jakerren bulegora sartu ziren guztiak, eroso jarri eta pantailari begira imajinak ikusteko prest. Elenak kontatu zien Paul Jackson Pollock post-espresionismo edo espresionismo abstraktuko artistarik ezagunena izan zela. Hasieran beren margoetan irudiak nabaritu zitezkeen: Otso emea, Konposizioa emakume batekin, Sekretuaren zaindariak, Arra eta Emea eta Stenographie lanak ikusi ahal izan zituzten. Adibideetan ikusi ahal izan zuten Pollockek mogimendu zehatz bat eginik uniformeki margotzen zuela, atomatikoki. Mihisean edo paper handi batean, batzuetan bi metro baino gehiagokoa, lurrean plastiko edo egunkariekin babesten zuen zorua eta pintura akrilikoa erabiltzen zuen. Ondorenean “Dripping” teknika azaldu zien. Jackson Pollockek, “Action Painting” margoketa automatikoa nola egiten zuen ikusi ahal izan zuten: pintura-isurketa, batzuetan makil edo adar batekin egiten zuen, tantak edo isuriak beti berdintsu azalera guztian homogeneoki zabaltzeko. Beste bideo batzuetan ikusi ahal zuten Pollockek nola erabiltzen zituen beste tresna batzuk: pintzel desberdinak, paleta handi eta txikiak. Ikertzaileek komentarioak egiten zituzten artistaren tekniken erraztasunaz konturatzean. Pollockek isurketa horiek koadro osoan zehar erregularki egiten zituen, koadro handiekin soka batetik zintzilikatuta behar bazen, gehienetan Dripping teknika erabiliz. Elenak kontatu zien iruzurrak azkeneko teknika horrekin egindako tamaina ertaineko lanak zirela, harrigarriki grisa, berde esmeralda eta gorri desberdinez osatua. Suposatzen zen teknikaren hasieran egindako margoak zirela eta milioi batzuetan saldu nahi zituzten. Azkenik emakumea eta beste bi laguntzaileak joan ziren. Jaker eta Manu nor bere lanean aritu ziren denbora batez. Eguerdian bazkaltzera joanda arratsaldean berriz elkartu zirenean, Jakerrek eta manuk ortzegunetik ordura arte gertatutakoa errepasatu zuten. Lehen-lehenik prostituten erailketen kasua errepasatu zuten. Manuk adierazi zuen itxaropena. –Asteburuko lanen ondoren, Jabier Lopezek erran didanez hankaz gora utzi zuten gaizkileen azpiegitura. Zaragoza, Tutera, Iruñea, Logroño, Bilbo, Irun eta Baionako pisuak aurkitu dizkiegu eta gaizkile talde ederra harrapatu dugu. –Dena den, ez dugu erantzulerik aurkitu eta egitura berregiten ahal dute. –Ez dut uste. Inguruko diskotekak kontrolatzen ditugu. Badakite zain gaudela. –Benetan uste duzu auzia konponduta dagoela? –Arrazoi duzu, egoeraren deskribaketa baino gehiago nire desioa izan da hau. Hala ere, espero dut emakume gaixo horien tortura eta erailketekin bukatzea. –Nik ere bai. Baina ez naiz hain baikor. Pixka batean jarraitu zuten beren lanaren balorazioa egiten. Bestetik arte-iruzur kontuan oso zaila zuten aurrera egitea. Ustezko artista iruzurtiak azioan harrapatzea zaila zen. Gainera, ez zen erabat segurua benetako pista jarraitzen zutenik. Ziurtatzeko probak behar zituzten; baina, nola hurbildu Txominengana? Ez zuten bat ere erraza. Momentuz jarraituko zuten hasitako bidetik. Lorentxok eta Gorkak suerte eta aukera izatea espero zuten. Lanetik atera eta Manu jaitsi zen auzora. Berandu zen eta lagunak joanak ziren ibiltzera. Seme-alabekin telefonoz hitz egin zuenean lasaitu eta erlaxatu zen pixka batean. Lagunak itzuli zirenean gustura meriendatu zuten. Lagunek bazuten eguneko solasgaiaz aparte, Macronen garaipena alegia, beste gai bat: beraien seme-alabez eta senide gazteez arduratuta haien etorkizunaz ari ziren hizketan. Hemezortzi-hamaika urte arteko seme-alabak izanda normala zen. Hala ere, Manuren familian gazte batzuk Alemanian lanean zirela jakinda galdetu zioten. Honek kontatu zien. –Atzo eguerdian lehengusina Sara gurasoenean bisitan zen senarrarekin eta kontatu zigun herriko lehengusuaren seme-alaben egoera. Haien urte tarteak Hogeita bi-hogeita hamabikoak dira eta denetariko egoeran daude. Txikienak, Iratxe, medikuntza ikasten ari da, Lurdesek lanaldi erdiko lan kaxkarra dauka... –Joxek moztu zion interesatzen zitzaion informazioa jasotzeko. –Hara, ez enroilatu! Ez al zen seme nagusia lanean Alemanian zegoena? –Bai. Orain kontatu behar nizun. Duela bi urte joan zen neskarekin bizitzeko. Orain lan hobea du eta ezkondu dira. Baina Xabier eta Ane luzaro geratuko dira, hemen lan duina lortu arte behintzat. Kanpora joan diren gazteak noiz itzuliko diren ezin da asmatu. Ea egoera ekonomikoak eta enpleguak hobetzen jarraitzen duten eta kanpoan daudenentzat eta gure gaztetxoentzak lanpostuak sortzen diren. Handik gutxira elkarri agur erran eta etxeratu ziren. Manuk telefono-elkarrizketa luzea izan zuen gurasoekin aitarekin hasi eta amarekin gero. Irakurtzen bukatu zuen eguna. 7. Gorka eta Lorentxoren ikerketa margolan-iruzurretan Maiatzaren 9a, asteartea Eguraldiak txartzera joko zuela iragarri zuten. Iluntzean, gauean edo hurrengo goizerako euria espero zuten. Manu, erosketa batzuk egin ondoren igo zen bulegora. Lanean hasi zela, laster agertu zen Jaker. Beste kafe bat prestatu eta hartu zuten solasean ziren bitartean. Beranduago, bakoitza bere lanean jarri zenean, Manuk Lorentxoren deia jaso zuen. Aurreko eguneko Elenaren arte ikastaro trinkoak eragina izan balu bezala, Lorentxok aipatu zuen bere ikerketetan aurrerabidea izan zuela. Ikertzaileak Jakerri deitu zion eta esku librean jarri zuten telefonoa. Lorentxok kontatu zien Maria Irisarriri gustatu zitzaiola berak Dripping teknikarekin egin zuena. Gizona hunkituta zegoen. –Atzoko bideoek eraginda Dripping teknika erabiliz margo bat egin nuenean, Mariak adierazi zidan bere miresmena, ez nirekiko, egin nuenagatik baizik. Uste dut bere laguntasuna lortu dudala. –Gizona animatuta zegoen. –Ongi da! Zer lortzen ahal duzu konfiantza lortuta? –Manuk ez zekien bromatan edo serioski galdetu zion. –Ez dakit ziur, baina bere konfiantza aprobetxatuz galdetuko diot ea iruzurraz eta Txominen ibileraz zerbait dakien. –Kontu handiz galdetu, Lorentxo! Ondoren, Gorkak hitz egin zuen. Honek aurrerapen handia egin zuen. Berea lagunak egiteko erraztasuna zen eta Michellerekin izugarrizko harremana lortu zuen. Agian laguntasuna baino ligatzea zen lortu zuena. Hala ere, emakumeari Txomin gustatzen ez zitzaionez Gorkak lortuko zuen hark Txomin zelatatzea, asmatutako edozein aitzaki sinesgarria erabiliz. Gazteak bere umore bereziaz honela hitz egin zion Jakerri, bere lagunari. –Jaker, ez dakizu zer nolako neska den Michelle! –Baina, ez al zoaz ikertzera? –Jakerrek eta biek horrelako solasak izaten zituzten. –Ikertzera eta neska katxarro argi eta atsegin bat topatuz gero, lagun egitera. –Lagunak bilatzen dituzu zuk, bai zera! Zuk ohera eramatea bilatzen duzu. Manuk, arinkeria eta axalkeria maite zituen lagunartekoan. Baina hura ez zen txantxetarako kontua eta adierazi zien bi gazteei. Aurreratzen ari ziren kasuan, baina ez zuten brometan hartu behar. Gorkari garbi utzi zion ligatze kontua uzteko eta nahi zuen atsegintasunez jokatuta ere, Michellerekin lan bat egiten ari zela. Bere momentuan gauzak argituko zizkion eta ordutik nahi izanez gero jarraitu eta sakondu ahalko luke harremanetan. Momentuz ba, ligatzea baztertu behar zuen. Manuk pentsamendu kontrajarriak zituen tailerrean Gorkak eta Lorentxok egiten zuten ikerketaz. Ez zitzaion gustatzen arinkeria lan kontuetan, baina bereziki Gorkak ezin zuen beste modu batean jokatu eta ikerketa-lan hartan hurbiltzeko lagunak egitea zen modu bakarra. Edonola ere, detektibe nagusiak arte garaikideaz hurbiltze praktikoa egiteko momentu aproposa zela uste zuenez, pentsatu egin zuen Guggenheim museoan Espresionismo Abstraktuko erakusketa berezia bisitatu ahal zutela. Laguntzaileekin telefono komunikazioa eten baino lehen laurok Bilbora museoan bisitaldia egitea proposatu zien. Nahiz eta Lorentxo eta Gorka presaka ibiliko ziren, inork ez zuen eragozpenik jarri bisita eta ibilaldia egiteko. Eguerdian, Manuk etxean bazkaldu zuen goiz. Buruko minez zegoen eta oso goiz izanda ez zen joan Gabrielarenera bazkaltzera. Toki Alaikoei deitu ondoren etxeratu zen. Gabrielak egindako ajoarriero pixka bat desizoztu eta berotu zuen. Lokuluxka arin bat egin ondoren elkar-tokira abiatu zen. Hiru eta erdietan puntualki agertu ziren hiru gazteak. Gorkak auto dotore eta indartsu bat zuenez ziztu bizian joan ziren, nahiz eta behar zenean abiadura kontrolatu. Hizketa animatuan aritu ziren. Hiru gazteak txikitatik ibiliak ziren elkarrekin, baina gainera laurak arrotxapearrak ziren eta bazuten zer aipatu, erreferente anitz, leku eta jende askori buruz. Euskadiko plazako aparkalekuan utzi zuten autoa eta museoaren ondoko taberna batean hartu zuten jateko zerbait eta kafea. Museoan, goiko pisua ikusi zuten lehen-lehenik, betiko bilduma gainetik ikusteko. Arin ikusi ere jende gutxi zebilen-eta. Bigarren pisuan, berriz, espresionismo abstraktuko arte-lanak poliki eta gustura aztertu nahi zituzten. Gorky, Kooning, Kline, Rothko, Barnet, Newman, Mitchell eta Still-en olio mihiseetan dasta zitzaketen mogimenduaren adibiderik ospetsuenetakoak. Ehun eta hogeita hamar lan eder eta handi. Hala ere, Pollocken lanak ikustera joan zirenean lan gutxi batzuk baino ez zituzten ikusten ahal. Maskulino eta femenino izeneko lana zen figurazio pixka bat erakusten zuen lan bakarra; baina bestela, han ez zuten Pollocken sei obra baino gehiago topatu. Pollocken margolanen ondoan beste antzeko batzuk ikusi ahal izan zituzten. Action Painting-en bi mihise handi eta beste erraldoi bat baino ez ziren artista handiarenak. Konturatzeko, bukatu egin zuten erakusketako bisitaldia. Ehun eta hogeita hamar margolanak eta eskultura bakan batzuk gutxi iruditu zitzaien. Azken batean Espresionismo Abstraktuaren erakusketa txiki bat baino ez zen. Zortziak izateko, ixteko, ordu bat falta zenez Postinpresionismoaren erakusketa bisitatu zuten, Signac, Redon eta edozeren gainetik Toulouse-Lotrec-en kartelgintza ikusi ahal izan zuten. Haiek ziren XIX-XX. mendeen aldaketako margolaririk onenetakoak. Zortzietan atera, zerbait hartu eta itzulera egin zuten. Euria izan zuten ibilbide osoan. Gehienek gehiago espero zuten bisitalditik. Postinpresionismoko eta Pollocken margo-lan gehiago ikusi nahi izango zuten; harrigarriki, Lorentxo bere munduan zegoen, ikusitakoa hausnartzen, besteek nabaritu ez zituzten konexioak eta magia barneratzen. Arratsean Iruñera itzulita, Manu lagunekin elkartu zen betiko tokian. Merienda-afaria egin zuten giro onean. Ikertzaileak Guggenheim-eko bisita izan zuen mintzagai eta legunek ez zioten bere lanaz galdetu. Maiatzaren 10a, asteazkena Ilun eta triste esnatu zen eguna, euritsu hasi eta gero hobetzen joanen zena. Manu ere triste zegoen. Mekanikoki prestatu eta joan zen lanera. Jaker lanean hasia zen eta agurtuta, Manuk ordenagailuetan lanak egiten utzi zuen. Berak ere eginkizun batzuk zituen egiteko eta beranduago kaferako elkartu arte jarri zen lanean. Handik ordu eskasera ezusteko ona izan zuten. Jabier Lopezek deitu zion ikertzaileari esateko bazirudiela emakume-tratuan hasi eta tortura egitea eskaintzen zuten gaizkileak desagertzen ari zirela inguruko diskoteka eremuetatik. Ez zuten erabateko aktibitatea geldituko, baina ez zuten erailketa eta tortura kasurik izan beharko. Desagertze horren arrazoia, izan zuten presioagatik izanen zen ziur asko. Bezerorik gabe, gaizkileak beste lurraldeetara mugituko omen ziren. Internetez ere bultzatu zituzten. Egia erranda hackerrek lan handia eta isila egin zuten egunetan. Momentuz lortu zuten jendilaje haietaz libratzea. Manuk txostenak osatu eta gastuak zehaztu behar zituen. Ikertzailea pozik sentitu zen, prostituten erailtze eta torturatze kasu kezkagarria erabat argituta ez bazegoen ere. Handik aurrera asteburu lasaiagoak izango zituzten, gainera. Diskoteken nagusiek kontratatu bazituzten ere, Maribel Erbitiri zuzendu behar zion txostena. Era bereran lanagatik faktura egin behar zuen. Lalak izan ezik, Jakerrek, Gorkak, Lorentxok eta laurok sartutako orduak pila bat ziren. Dirutza irabazi behar zuten. Eskerrak diskoteken nagusien elkartze berezi hura zela ordaintzen zuena. Ikertzaileak Jakerri kontatu zion dena eta elkarrekin zerbait hartzera atera ziren. Bueltan nork bere lana egiten jarraitu zuen eguerdira arte. Lan neketsua eginda, bazkaltzera joan ziren . 8. Eva Urrozen jazarpena eta Filo Maturana Arratsaldean txostenak ia bukatuta eta diru kontuekin aspertuta zegoela, Manuk telefono-deia izan zuen. Entzun zuen ahotsa emakume urduri batena zen. Ez zion ongi ulertu eta ozenki errepikatzeko erregutu zion. –Bai, Arratsalde on. Ez dizut ongi ulertu. Deiaren arrazoia eta izena ozenkiago erranen dizkidazu, mesedez? –Barkatu. Eva Urroz naiz eta zure laguntza profesionala behar dut... –Pozten naiz zu ezagutzeaz. Erran lasai zer gertatu zaizun. –Bulegaria naiz eta bakarrik bizi naiz. Gizon batek gauez deitzen dit eta beldurtuta bizi naiz. –Noiz hasi ziren deiak eta zer erraten zizun? –Duela hiru aste hasi zen dena. Ahots arraroa erabiliz galdetu zidan zer egiten nuen eta berarekin egon nahi ote nuen. Nik galdetu nion nor zen eta zer nahi zuen. Alferrik. Ez zidan nahi nuena erantzun. Jarraitu zuen berearekin, zer janzten nuen galdetzen eta abar. –Ulertzen dut. Jazarri, larritu eta beldurtu nahi zintuen. Zer egin zenuen? –Poliziari eskatu nion laguntza, baina ez zuten ezer lortu. Aurre-ordaindutako telefono batetik egiten zituen deiak eta ahotsa eraldatuta zuen. Iruñetik egiten omen zituen deiak. Ikertzaile pribatu batek ere ezin izan dit lagundu eta zu gomendatu zaitu. –Nor da ikertzaile hori? –Filo Maturana. Berak dio zuk eta zure laguntzaileak baino ezin didazuela lagundu. –Filo... –Ongi pentsatu zuen zer gaineratu. –Ongi da. Etorri beharko zenuke lasaiago hitz egitera eta kontratua sinatzera. Hala ere, argitu behar dizut ez dudala onartuko Filo ikerketaren tartean sartzea. Emakumearekin geratu zen ordu bat beranduago. Manuk pentsatu zuen Jakerrentzako lana zela, baina emakumearen bizitzaz gehiago ikertu behar zuela. Edonola ere, gogorik ez bazuen ere, Filorekin hitz egin behar zuen. Beldurrez deitu zion. Emakumezko ikertzale hark bera zirikatzea beste asmorik ez zuen izanen. –Filo Maturana naiz. Nor da? –Filo, Manu naiz. Eva bidali didazu eta zuk ikertutakoaz hitz egin nahi nuke. –Manu! Beti bezain lehor. Zer moduz zaude? –Filo, ez ginen oso lagun bukatu. Nirekin duzun jarrerak eta egiten dituzun lanek ez didate bat ere graziarik egiten. Beraz, goazen harira. Zer erran ahal didazu? –Manu, ez nuen ezer garbirik atera. Horregatik, espero dut hacker horrekin eta guk biok elkarrekin jazarlea harrapatu ahal izango dugula. –Filo, badakizu ez dudala zurekin ezer nahi. Hacker horri Jaker deitzen diogu eta bion artean gehiago eginen dugu, zure enbarazuarekin baino. –Manu, ahaztu gure artean izandako ezulertu guztiak. Elkartu gaitezke informazioa ikertzeko. –Filo, beti garbi hitz egin dizut. Zure etika faltaz aparte, nazkatuta nago zure sexu jazarpenarekin... –Behin gozatu genuen elkarrekin. Ongi pasatzen ahal dugu berriro. Badakit bananduta jarraitzen duzula eta zure laguntxo berriarekin... –Ez zaizu inporta nire bizitza pribatua. Esadazu zer jakin zenuen Evaren jazarleari buruz? –Manu... Ez duzu erremediorik. Badakizu elkarrekin... –Erantzun behingoz. Zer jakin ahal zenuen? –Ez baduzu nirekin ikertu nahi, erranen dizut telefono eta jazarlearen berri jakitea ezinezkoa izan zela. Xehetasun eta momentu on bat nahi izanez gero, badakizu non nagoen. –Aio Filo. Ez espero nire deia. –Sarri artio, Manu. Handik gutxira Eva agertu zen. Emakumea hogeita hamar bat urtekoa zen, itxura onekoa eta hezia. Manuri kontatu zion aurreko astean deiez gain mezuak jaso zituela. Mezu haiek paperezko eskutitz moduan heltzen ziren. Ikertzaileak haietako bat aztertu zuenean Evaren helbidea eta korreoko zigiluak ikusi zituen kartazalean eta inprimagailuaz letra larriz eta tamaina handian jazarpen hitzak agertzen ziren. Emakumeari telegrafikoki ongi ote zegoen baino ez zioten galdetzen. Telefono deiei erantzutea eskatzen zioten, laguntza eta maitasuna eskainiz. Beste eskutitzak berdinak ziren. Ikertzaileak eskutitzak irakurri bitartean emakumeari begiratuak bota zizkion. Emakumea urduri eta kezkaturik zegoen. Orduan beste berririk eman zion. Norbaitek atzetik jarraitzen zuela uste zuen. Manuk babesteko beste leku bat ote zeukan galdetu zion. –Bai. Beno, ez dizut erran daukadan senide bakan baten etxean izan nintzenean eskutitz horietako bat hara heldu zitzaidala eta lagun baten etxean berdintsu. Beste lankide batek erran dit lanean baimena eskatu behar dudala eta betiko bizitzatik aldendu. Egin dugun plana da, ezustean beraren etxera joatea, dena konpondu edo jazarlea harrapatu arte. Manuri ongi iruditu zitzaion. Momentuz salbu egonez gero, bitarteko guztiak erabiliko zituzten gaizkilea harrapatzeko. Emakumeari inguruko pertsonez eta bere bizitzaz galdetu behar zion. Ikertzaileak denbora eman zuen emakumea lasaitzen eta gizon erasotzailearen peskizan egiten ahal zutela erraten. Hasteko, soldata eskasekoa zenez, ez zion ezer ordainaraziko arazoa konpondu ezean. Dena den, Manuk Evari lagunduko zion pertsonaz galdetu zion. –Barkatu Eva, baina kontatzen ahal didazu nor den etxera gonbidatu zaituen laguna. –Emilio Solano da. Lankidea eta aspaldi honetan lagun handia. Erran dizudan bezala, bera da erasotzailea despistatzen eta ni lasaitzen laguntza eman didan lagun bakarra. Gainera, bere etxean egoteko aukera ematean arnasaldi eta lasaialdi ederra hartzen ahalko dut. Aspaldian ez nintzen hain ongi eta erlaxatuta sentitzen. Atzo bere etxera joan nintzenean lortu nuen lehenengoz ongi lo egitea. –Pozten naiz. Zure lagun horren eta besteen datuak eta helbideak eman behar dizkidazu. Bestalde, badut galdera bat zuretzat. Zer egin behar duzu ezkutuan egonen zaren bitartean? –Lasai hartuko dut. Irakurri egingo dut, korrika egin eta margotu egingo dut. Aprobetxatuko dut erlaxatzeko. Erasotzailearengandik libratzea gauza handia izanen da. Opor berezia izango da. –Primeran, baina nora joango zara pintatzera? Hara joaten zara normalean? –Bai. Udaleko ikastaro batean apuntatu nintzen eta azken astean ez naiz joan gaizki egoteagatik. Orain gustura joango naiz... –Barkatu Eva, baina ezin zara ohiko tokietara joan, ezta lasterka egitera. Ikertzaileak azaldu zion zein garrantzitsua zen betiko lekuetatik ez agertzea. Saiatu eta egin. Era berean zuzeneko harremana izateko eta azken informazioa edukitzeko beharra azaldu zion. Orduantxe Manuk Evaren poltsikoko telefonoa klonatu zuen. Jakerrek erakutsi zion egiten eta ez zuen aukera galdu. Azkenik, datuak eman ondoren emakumea lasaiago joan zen. Jaker agertu zenean nagusiak lan berriaren gora-beherak kontatu zizkion. Ez zitzaien iruditu oso kasu zaila izanen zenik. Hala ere, iruzurrekin bazuten buruhauste nahikoa eta gazteak beste ikerketa bat zeukan esku artean. Famatu batek ziber-erasoa jasaten zuen eta miresle astun batek ez zuen bakean uzten. Jarraitzaile hori hacker bat zenez, ez zen erraza hura harrapatzea eta bere idoloa bakean uzteko konbentzitzea. Gazteak bere penak kontatu zizkion Manuri. –Zuri infideltasun kasuekin gertatzen zaizuna sentitzen dut nik famatuen jarraitzaile astunen aferekin. Kasuok dirua emanen digute, baina astunak suertatzen dira –Manuk erantzunik sentituena eman zion laguntzaileari. –Ez onartu kasu horiek! Nahikoa lan daukagu bestela ere –gaztearen erantzuna, ordea, burutsua izan zen. –Ez. Jasanezintasuna ongi ordainarazten diegu... Kexaka eta purrustaka ibiltzeko eskubidea ez dugu zapuztu behar. Lan-eguna bukatutzat eman zuten. Manu auzora jaitsi zen nekatuta eta gosetuta. Toki Alain meriendatu zuen Felixen ondoan, Joxe eta Patxi paseorako agertu bitartean. Lagunak paseatzera atera zirenean, Manu lan zail baten aitzakian etxera joan zen. Familiarrei deiak egin ondoren erlaxatu zen eta ohera joateko prestatu zen. Maiatzaren 11, ortzeguna Eguraldi nahasia iragarri zuten. Euri-zaparradak izanen omen ziren. Egun hartan oso goiz hasi ziren lanean. Jaker agertu zenean aurreko eguneko Evaren jarraipena egin zuten. Denbora gutxi zen, baina non ibili zen eta izan zituen komunikazioak egiaztatu zituzten. Momentuz ez zuten ezer arrarorik topatu. Edonola ere, Jakerrek komentatu zuen zer eginen zuen. Interneten Evaren inguruko jendea ikertuko zuen. Manuk, bitartean, ohiko ikerketak eginen zituen. Emakumeak ez zuen korreorik jaso. Ez zen ohiko tokietan ibili eta telefono-deiak ikertu beharko zituen Manuk. Orduan Gorkak deitu zien beraien ikerketa komentatzeko eta kontsulta bat egiteko. –Manu, atzo ez ginen arte-tailerretik agertu eta ezin izan genuen ezer egin. Michellek galdetu dit zergatik ez ginen agertu eta tontoarena egin dut ongi entzun ez banio bezala. Deia eten egin dut oraintxe bertan. Zer erran behar diot –Manuk ez zuen zalantzarik izan eta erantzun zion. –Erran egia. Lagun batzuekin Guggenheim-eko espresionismo abstraktuaren bilduma ikusten aritu zineten. Ez duzu alferrik gezurrik asmatu behar. Erraiozu Lorentxori berdin jokatzeko. Zerbait gehiago nahi al duzu? –Ez. Beno... –Dena den, Gehiegi presionatu gabe, bideratu behar dituzue zuen arteko solasak Txominen bizitzari buruzko gauza gehiago jakiteko. –Primeran. Mila esker. Jarraituko dugu ikertzen. Handik gutxira Mirenek deitu zion asteburua antolatzeko. Kanpora joanen zen eta Manuk egin behar zuen seme-alaben kargu. –Manu, sentitzen dut aukerarik ez izatea, baina badakizu zure gurasoak ere kanpoan direla. Beraz, ikusi behar dugu nola antolatu, baina ortzirale eguerditik igande arratsaldea bitartean ez dugu zainduko dituen inor... –Lasai. Larunbatean barbakoa antolatuko dugu eta arratsaldean planetariora mugituko gara. Igandean Oiasso museora eta Donostiara joango gara. Ortzirale arratsaldean, berriz, ez dakit nola moldatuko naizen... –Ez izan kezkarik. Lagunekin geratu dira eta June nahiko ongi moldatuko da. Afaria antolatu eta gauerako hartzen badituzu ez da arazorik izanen. –Orduan ez dago arazorik. Ongi ibili asteburuan, Miren. Filo gizon batekin ari zen telefonoz mintzatzen. Bere bulego edo langela txar hartan, eraikinaren lehen solairuko bulego-sail batean, lan-mahaia, hiru aulki, bi besaulki eta ordenagailu-modem-inpresora zituen lan egiteko. Lan kaskarrak egiten zituen, dibortzio eta antzeko ikerketak egin behar zituen aurrera egiteko. Dirua nonbaitetik atera behar zuen. Edozein gauza egingo luke lan arruntetatik ateratzeko. Gainera, dirutza irabaziko zuela hitz eman zioten. Bezeroaren jarrera ez zitzaion gustatzen, baina gogoz eginen zuen lan hura. Mina egiteagatik ere eginen zuen. Gizona agintzen ari zen hurrengo urratsetan zer egin. –Orduan, Eva horren kasua pasatu diozunez aukera izango duzu berarengana hurbiltzeko? Nik jarraitu ahal dut, baina ezagutu behar nuke zertan pentsatzen ari den eta bereziki zer egiteko asmoa duen. Jakin behar dut noiz eta non jokatu haren kontra. –Manuk ez nau aguantatzen. Bakean uzteko erran dit. –Begira, ez dugu presarik, baina lortu behar duzu haren ondoan ibili. Erakargarria izan behar duzu. Zure sexua erabili. –Jakin ezazu, hain zuzen ere sexualki hurbiltzeagatik errefusatzen nauela. –Oso emakume erakargarria zara. Egin behar duzuna da bere bulegoan agertu eta itxura apala emanez kasu horretan laguntzen saiatu. Mikrofono batzuk jarri behar dizkiozu. –Ez da posible izango. Aurreko batean horiexek jarri nizkion eta ziur naiz mikrofonoak bilatuko dituela. Badakit ez duzula onartuko, baina agian beste emakume batek egin ahalko luke nik lortu ezin dudana... –gizonak moztu zion. –Ez. Nik badakit zuk egin dezakezula. Lortu behar duzu hurbil egotea, nola edo hala. Gizon hark benetan gorrotatzen zuen Manu. Filok pentsatu zuen ez zuela beste erremediorik. Bai, saiatuko zen lagunkoi izaten, engainatzen. Manuk ordainduko zion kartzelan sartu izana. Berak sufriaraziko zion. Filok hilabete asko pasa zuen kartzelan gaizkile batzuei laguntza emateagatik, Manuk parte hartu zuen kasu batean. Mendeku bila, emakumea hurbilduko zitzaion Manuri. Maiatzaren 12a, ortziralea Berrietan nabarmendu zuten 43 udal, zonalde ez-euskaldunetik mistora pasatuko zirela. Bestetik nafar banderaren aldeko manifestazioa bihurtu zen hizpide. UPN zen Ultzamako biogas-plantako gastu eta diru emateei buruzko ikerketaren kontrako alderdi politiko bakarra. Manuk, dena den, bazituen zeregin batzuk eta ez zen berri haietan gehiago sakontzeko geratu. Manuk goiz hartan erosketak egin zituen afarirako eta hurrengo egunetarako. Laster bulego bidean zen. Nahiz eta oso egun argia ez izan, goizeko giro garbi-ederra dastatu zuen oinez arin Santo Domingo aldapara zuzentzen zen bitartean. Zuhaitzek berde berriak janzten zituzten eta airea polenez beteta zegoen. Bulegoan sartu zenean Jaker bere gelan zen lanean ordenagailuetan jo eta ke. Famatuaren jazarle kasuaz gainera, enpresa baten segurtasunaz ari zen, ohiko lana. Hala ere, Evaren telefona kontrolatzen eta bere ingurukoak ikertzen ere ibili zen. Manuri komentatu zion jakin zuena, ezer berezia ez bazen ere, laster mandatu batera atera behar zuelako. Manu txostenak eguneratzen ari zen. Azkeneko bi urteetan asko aldatu zen beren lana. Ia bakarka ibiltzetik Jakerrekin egiten zuen lana laukoiztu egin zen eta beste hiru lankideek, Lorentxo, Gorka eta azken aldian Lala, asko laguntzen zieten. Jakerrek ikerketa gehienak gauzatzen zituen teknologiak erabiliz eta berak alde administratiboa eta lanak zuzentzen zituen. Lalari, kriminologia ikasketak bukatu eta lanean erabat sartuz gero, erakutsi behar zion bere ordezkoa izan ahal izateko. Hala ere, etorkizunerako beste gogo bat zuen: Manuk ia obsesiboki pentsatzen zuen familia lan hartako arriskuetatik libratu behar zuela. Bulegoko txirrina jo zuten. Atea zabaldu zuenean Filo ikusi zuen. Mundua erori zitzaion. Ez zekien nola libratu harengandik. Nola kanporatu pentsatzen ari zela, emakumea desenkusatzen hasi zen. –Manu, barkamena eskatzera etorri naiz. Banekien ez zenidala telefonoz kasurik eginen eta behingoz zuzenean desenkusatu nahi nuen. Gaizki hartu zaitut eta bukatu dira nire erasoak. Ez zaitut berriro zirikatuko eta nire laguntza eskaini nahi dizut nahi duzun ikerketarako. –Ba... Ez dakit zer erran. Orain lanpetuta nabil. Uste dut hoberena... –Ezin dizut barkamena agindu, baina ez nazazu bota lehenago entzun gabe. Evari buruz ikertu nuena kontatu behar dizut. Nik ezin nuen gehiago ikertu eta horregatik bidali nizun, baina baliteke zerbait interesgarria edukitzea eta kontatu nahi dizut. Utzi pasatzen eta bost minutuan bakean utziko zaitut. Emakumea benetan ari zela zirudien. Ikertzaileak ez zuen botatzeko indarrik. Filo erasokorraz libratzeko aukera ez zen ahazteko modukoa. Atea zabaldu zuen. Emakumeak kontatu zion hamar egunetan Evaren inguruan ikertzen ibili zela eta ez izandako senargai ezta inguruko lagunen artean inor ez zen nabarmendu. Ez zuen asmatu ikerketaren jarraipenarekin. Dena den, Manuk galdetu zion bere lagunaz. –Zer dakizu Emilioz? Noiztik ezagutzen du Evak? –Jakin dudanez lankidea da duela urte pare bat. Azken aldian asko lagundu dio Evari. Ezkondu gabeko emakume bakartiok batzuetan eraso mota desberdinak izaten ditugu eta ongi etortzen zaigu gizonezko lagun bat ondoan. Handik gutxira Filo joan zen berak ikertutakoaz txostenak utziz. Joan zenean Manuk mikrofono detektagailua pasatu zuen badaezpada. Ez zen fidatzen, aurreko batean mikro batzuk utzi baitzituen. Zorionez ez zuen bat ere topatu, ongi bilatuta ere. Egia izango ote zen Filo berarekin izandako jarreraz eta egindakoaz damututa zegoela? Hala eta guztiz ere, Emilio Solano ikertu nahi zuen. Evarekin hitz egin behar zuen aurreko egunean nola ibili zen jakiteko. Agurtu ondoren azken orduez galdetu zion. –Kaixo Eva, nola zaude? Zer moduz ibili zara azken orduetan? –Kaixo. Ongi nago. Emilio primeran portatzen ari da. Erasoaz... bi telefono deiez aparte ez dut eskutitzik jaso eta hobeki sentitzen naiz. –Primeran. Pozten naiz, baina kontua da bizitza normalera itzultzea lortu behar duzula. Arraroa irudituko zaizu, baina gaur arratsaldean zure etxera itzuli behar duzu. Lasai, zainduta egonen zara nire laguntzaileen begiradapean. Dena den, momentuz ez zara lanera itzuliko eta nahikoa janari erosi behar duzu egun batzuetan atera gabe egoteko. –Emakumea harrituta zegoen. –Ez dut ulertzen. Hemen, Emilioren etxean lasaitasun gehiago lortu dut. Utzi egun batzuetan hemen pasatzen. Gero... –Begira Eva, dakidanagatik hobe duzu etxera itzultzea. Sartu etxean, ez mugitu eta ez ireki atea nahi baduzu, baina ikusiko duzu nola konpontzen den dena denbora gutxian. –Ongi da. Emilio lanetik itzultzen denean erranen diot eta lagunduko dit erosketetan. –Ez. Arratsaldean kontatuko diozu telefonoz. Gorka izeneko gazte bat bidaliko dizut laguntzeko. Ordu biak aldean agertuko zaizu. Egin ezazu nik erraten dizudan bezala eta dena konponduko da berehala. Esadazu horrela egingo duzula! –Ez dut ongi ulertzen, baina egingo dut. Manuk bazuen informazio bat gorde egin zuena. Evari egindako telefono deiak entzun eta ikertu zituen. Ahots eraldatua ikertu zuen eta Emiliorena izan zitekeela zirudien. Gainera haren autoan GPS bat eta etxean mikrofonoak jarri nahi zituen. Manuk Gorkari deitu zion Evarengana bidaltzeko. Komentatu zion dena eta zehatz-mehatz adierazi zizkion egin beharreko urrats guztiak. Ondorenean Gorkak arte-lanen iruzurraz azkeneko berriak eman zizkion. Bere lagun Michellek zioenez Txomin Barbarinek bazuen bere herrian etxe bat, familia-etxea izandakoa, baina orduan berak eskuratua eta erdizka berreraikia, batzuetan margotzeko erabiltzen zuen tokia. Beraiek erabiltzen zuten tailerra, Iruñeko alde zaharrekoa, haren pisutik hurbil zegoen. Baina asteburu askotan Txominek Lizarraldeko herriko etxean pasatzen zuen denbora eta margotu ere egiten zuen gela batean. 9. Manu zelatatzen ari ziren Konturatzeko eguerdia zen. Ordu biak pasa, seme-alabak berehala agertuko ziren bere etxean. Ordenagailua itzali ondoren, bulegoa ordenatuta utzi zuen eta arin abiatu zen auzora. Presa zuenez igogailua hartuko zuen jaisteko. Arkupeko itzal batetik norbait begira zegokion. Emakumea oso argia zen eta aurreko kasu batean ia lortu zuen politikari batez mendekatzea. Gutxirengatik ez zuen bere asmoa lortu, tartean gaizkileak, abokatuak eta jabetzen ez ziren pertsonak erabiliz. Foruzaingoa, seguritate zerbitzu batzuk eta Manu, xakean, airean izan zituen denbora luzez. Azkenean berak eraikitako sarea desegin zuten Foruzaingoak eta Manuk. Ihes egin zuten bakarrak bera eta mafioso arriskutsu bat izan ziren. Berriro ere Manu enbarazu egiten topatzen ari ziren eta horrezkero ez zen hain lasai geratuko. Junek eta Mikelek deitu zuten ataritik. Sartu eta agurtu ondoren geletara joan ziren gauzak uztera. Algara gehiegirik egin gabe sartu ziren sukaldean. Anaia-arrebak beren lagunez ari ziren hizketan, nor zen lagunik onena eta zergatik. Norgehiagoka, isildu ziren nekatuta. Manuk, garbituta eta erdi lehortuta zituen letxoaren hostoak eta barazkiak. Hiruron artean banatu zituzten eginbeharrak. Mikelek lehortu eta Junek ebaki zituen. Gaztetxoek, binagretaren esperoan entsalada atontzen zuten bitartean Manuk oilasko-bularrak eta zizak ebaki eta egin zituen bi zartagin desberdinetan. Bigarren platera eginda, entsaladari olio-ozpin eta gatza botata mahaian eseri ziren. Bazkaltzen ari zirela bi gaztetxoek beraien egunerokoaz aritu ziren. Mikel DBHren hasieran zegoen eta June azken ikasturtean. Ikasgaien zailtasunez eta ikasitakoez mintzatu ziren. Manuk, noizean behin, gehiegi itsutzen zirenean lasaitasun mezuak eta zentzuzko aholkuak ematen zizkien. Zein erraz larritzen ziren! Bera ere txikia zenean mundu bat egiten zuen edozein tontakeriagatik. Nagusiak ere, batzuetan, ez al ziren huskeriengatik kezkatzen? Lo-kuluxka arina egin ondoren June eta Mikel kalera atera ziren lagunekin elkartzera. Seme-alabek arratsalde osoa pasatuko zuten beraien lagunen etxean eta Manuk aprobetxatu behar zuen Eva eta Emilioren ibilerak jarraitzeko, nahiz eta zuzenean lan eginen zutenak Gorka eta Lorentxo izan. Gorkari deitu zion. Mutila Evaren etxean zen zaintzeko eta lasaitzeko eta orduko ez zuten inolako arazorik izan. Berdin gertatu zen Lorentxorekin. Azken honek jarraitu eta kontrolatu behar zuen Emilio. Edozein arazo izanez gero, deituko zioten elkarri laguntzeko edota aholku eskatzeko. Edonola ere, arratsalde erdirako geratu ziren. Bitartean, Manuk lagunekin ibilaldi luzea egin behar zuen. Ohiko lau lagunak Toki Alaitik abiatu ziren. Ikertzailea etxetik atera zenean Filo mugitu zen. Egoera ezin hobea zen beren asmoetan aurrera egiteko. Giltza berezi batzuekin Manuren pisuan sartu zen. Manu joanda eta seme-alabak lagunen etxeetan izanda, pisu barnean mikroak ezkutatu zituen, kontuz eta presarik gabe, Manu espiatu eta segada segurua antolatu ahal izateko. Itzalak ongi ordainduko zion. Arratsaldeko zortziak pasa, Lorentxok deitu zion Manuri. Manu, ibilaldi luzea eta arin-arina eginda, Felixenean zen lagunekin kainak eta merienda osasuntsu bat egiten. Gazteak adierazi zion Emiliok eskutitz bat postontzi batean bota zuela eta berriro etxera itzuli zela. Gorkak ere aipatu zuen Evak bi dei jaso zituela. Manuk bazekien dena, haren telefonoa klonatu zuelako eta entzuteko moduan izan zela. Deien grabazioak maneiatu ere egingo zituzten igorlea Emilio zela probatzeko. Bi gazteei eskerrak eman zizkien. Eva ziur utzita, lana bukatutzat eman zuten bi gazteek. Kasua garbi zegoen, baina azken urratsak burutu behar zituzten. Seme-alabak Toki Alain agertu zirenean afaltzera joan ziren. Umeek bazekiten Hamburgeseria eta zabor-janarietako tokiak mugatuta zituztela, baina pizzeria hura desberdina zen. Kalitate handiko jangaiak erabiltzen zituzten eta jantokia baino labea eta banaketa zerbitzua zen. Etxetik bost minutura zegoen tokia. Lerroan beste bost minutu pasa zituzten, baina bazekiten pizza arin eginen zietela. Lau osagai aukeratu zituzten: urdaiazpikoa, txanpiñoiak, arrautza eta mozarela. Ordaindu, tiketa hartu eta prestatu bitartean inguruko kaleetatik egin zuten itzulia. Jende asko zebilen kaletik. Gehienak etxe bidean afaltzera zihoazen. Giro onean jaso zuten pizza eta Manurenera abiatu ziren. Behin etxean, edariak eta edalontziak atera zituzten eta ordura arte epel, puska goxoak jan zituzten. Junek Amaiaz galdetu zion Manuri. Emakumeak bazuen lan handia eta ez zuen aukerarik izan beraiekin ibiltzeko. Neskak behintzat onartzen zituen Amaia eta baita hark Manurekin zeukan harremana ere, baina era berean pentsatzen zuen aita Amaiarekin biziz gero, Mirenek eta beraiek Manurekiko harremanetan zerbait galduko zutela. –Manu, haserretu al zarete amaia eta biok? –Ez. Amaiak badu lan handia eta asteburu honetan kanpoan da. –Bai, baina aspaldi honetan urrundu zarete pixka batean! –June, aurreko astean elkarrekin ibili ginenean ez zenuen desatsegintasunik erakutsi. Zergatik diozu hori? –Ez da hori. Amaia gustatzen zait eta gustura ibili nintzen. Hala ere, nahiago dut urruntzen ez bazara... –Mikelek ere bere iritzi eta sentipena adierazi zuen. –Ba, niri Amaia gustatzen zait eta ez dut inolako arazorik berarekin. Oso ederra eta jatorra da. Opari politak egin dizkit... –Zu beti bezain espirituala! –izan zen arrebaren komentarioa. Hala ere, ez zuen solasarekin bukatu. –Manu, mesedez, ez moztu gurekin eta Mirenekin! –Manu larritu zen. –June, izan ziur ez zaituztedala baztertuko. Edonola ere, Manuk pentsatu zuen azken aldian Amaia eta biak urrundu zirela. Bazirudien harremana mantentzen ari zirela, baina muga bat ez gainditzeko kontu handiz ari zirela. Alde batetik hori zen berak nahi zuena, harremana atsegin zuen, Amaia maite ere maite zuen, baina muga jarri zion harremanari. Gau hartan telebistan ETB1-en Burubero Fest lehiaketa ikusi ondoren, pelikula luze eta entretenigarri bat ikusi zuten: Prometheus. Manu zalantzan egon zen, pelikula ikusi ala ez, baina hamabi urtekoentzat izan zitekeela jakinda, eta elkarrekin ikusiko zutenez gehiegizkoa edo kaltegarria izango zela uste izanez gero itzaliko zuen aparatua. Dena den, Alien-en antzekoa zela eta alde makabroaren gainetik kalitatea eta imajinazioa gailentzen zirenez bukaera arte ikusi zuten, oso gustura ikusi ere. Handik gutxira, oheratu ziren. Maiatzaren 13a, larunbata Goizean, gosaldu eta prestatu ondoren atera ziren. Seme-alabek bazituzten kirol ospakizunak. Zeruan ostarteak ikusten ziren eta tarteka, zeru eguzkitsua izango zuten. Ez zuten euririk espero. Mikelek futbol partida zuen lehenago eta Junek saski-baloikoa beranduago. Joxe eta Samuelekin elkartu ziren. Mutikoen partida ez zen oso luzea izan eta Junerena izan arte pote bat hartzera joan ziren. Nesken partidan ez zen hainbeste pertsona heldu ibiltzen, baina bi taldeetako lagunek algara handia sortzen zuten beraien lagun-jokalariak animatzen. Gezurra zirudien zenbateko lehiakortasun izaten zuten. Hala ere, bukatu bezain laster bi taldeetako neskek, partidaren berotasuna galduta, adiskidetsu agurtu zuten elkar. Toki Alaira joan ziren gero. Han zerbait hartzen ari zirela, Jakerrek dei egin zion Manuri, jakin zuena adierazteko. –Manu, Emilioren berri eman behar dizut. –Ongi da. Zer da jakin duzuna? –Aurrekariak dituela. Beste batean auzipetuta zuten neska bat erasotzeagatik. Zigor arin batekin atera zen. Hau duela urte pare bat gertatu zen. –Jaker, mesedez, dei iezaiozu Lopez komisarioari edo Zudaire inspektoreari dena azaltzeko. Orain nahasirik nabil eta ezin dut lasai hitz egin. Erran... jazarlea atxilotzeko eta galdekatzeko. Lehenago salatu behar genuen Emilio. –Egin eginen dut. Evarekin hitz eginen al duzu zuk? –Bai. Ez dut uste arazorik izanen denik. Ongi dagoela egiaztatuta, mezua utziko dizut. Denbora galdu gabe deitu zion emakumeari. Eva ongi zegoen eta ate-leihoak ongi itxita. Ez zegoen urduri eta hark egin zuen gauza bakarra, berak zerbait berririk jakin zuen galdetzea izan zen. Manuk ez zuen larritu nahi, baina badaezpada hark jakin behar zuen nor zen jazarlea. –Eva, jazarlea Emilio da. Aurrekariak ditu eta... –Emilio? Ez da posible... Ez dut ulertzen... Bera oso ongi portatu da. Lagundu egin dit... –Berak estutu zaitu beraren beharra sortzeko eta salbatzaile agertzeko. Ez zenigun kontatu Emilio zure atzetik zebilela! –Ez. Ez zen oso astuna izan eta berehala lagun on bat bezala jokatzen hasi zen. Orain diozula, garai hartan hasi ziren deiak eta mezuak. –Beno, orain lasaitu. Ziur aski foruzainak agertuko zaizkizula eta psikologo batek laguntza eskainiko dizu. Ba al duzu norbaiten beharrik? –Uste dut... Maia, lagun bat deituko dudala. Eskerrik asko denagatik. –Dena bukatu da. Hitz eginen dugu. Ondorenean, seme-alabak ongi zeudela jakinda, kanpora atera zen leku apropos batetik Jabier Lopezekin hitz egiteko. Egin zuenean komisarioak jakinaren gainean zegoela erran zion. Udaltzain bikote batekin psikologoa bidaliko zioten Evari eta Emilio atxilotzera abiatuak ziren orduko. Bazkaria kanpoan antolatu zuten. Runako txoko gordean barbakoa antolatu zuten. Ospakizun haiek lagunen arteko familietan antolatzen zituzten txandaka. Bego, Ane eta Patxi, familia-kide guztiak egon ziren lekua gordetzen eta bazkaria prestatzen. Halakoetan entsalada eta haragi desberdinak izango zituzten aukeran. Mikel, June eta Manu ia dena prestatuta zegoenean agertu ziren. Miren kanpoan zen eta mahaia atontzen lagundu zuten. Mahai-aulkiak eta trasteak Patxiren trasteroan gordetzen zituzten. Joxe orduantxe heldu zen eta txingarrak prestatzen lagundu zion Patxiri. Fina eta Samuel, Joxeren emaztea eta semea beranduago agertu ziren, denak sarrera batzuekin bazkaltzen hasi zirenean. Neskak eta mutikoak elkarrekin eseri ziren, baina Fina eta Bego ez ziren ongi konpontzen eta aparte zeuden, hiru gizonen bi aldeetan, mahaiaren bi muturretan eta neska-mutikoak hiru gizonen aurrean. Gehienek giro onean eta gustura bazkaldu zituzten entsaladak eta haragi errea, saltxitxa eta hanburgesa beganoak eta arkume-txuleta goxo batzuk. Bazkalondoan, tarte batean, Manuk deitu zion Jabier Lopezi Emilioren atxiloketaz galdetzeko. Arratsaldeko lehen orduan argitu ziren gauza batzuk. Foruzainak Emilio atxilotzera joan zirenean ez zuten harrapatu. Garbi zegoen presaka ibili zela, bere gelan eta beste gela batean anabasa handia zegoelako. Arropak, karpetak, dokumentuak eta hainbat objektu nonahi eta nahasirik topatu zituztelako. Hala ere, tiradera edo kaxoi batzuetan argazki batzuk utzi zituen eta berehala konturatu ziren susmagarriak eta bitxiak zirela. Haietako asko emakume desberdin batzuei egindako argazkiak ziren. Argazkiek emakumeak beren bizitza normalean “harrapatzen” zituzten. Segimenduak eta zaintzak ziren eta haietako batzuk Evarenak ziren. Emilio Eva jazartzen ari zeneko probak ziren. Hala ere, txoriak ihes egin zuen autoan jarri zioten GPSa nonbait aurkitu eta bota ondoren. GPSa Gorkak jarri zion Emilioren autoari, gizonak Eva haren etxetik berera eraman zuenean. Arratsaldean, dena jasota, planetariora joango ziren, aurreko asteburuan aipatu zuten bezala. Denak ez. Begok, Anek eta Patxik bazuten familia ospakizun bat. Mikel, Samuel, June, Joxe eta Manu autoan sartu ziren Dinosaurio eta Planetec pelikulak ikustera joateko. Oso gustura egon ziren eta zortzietan auzora itzuli ziren. Toki Alain poteatzen eta meriendatzen egon ziren. Han zeudela, Mintxo agertu eta haiengana hurbildu zen. Tabernan beraien ondoan gizon bat ari zen hizketan, keinu nabarmenak eta manerak erakusten zituena. Fernandez deitzen zuten denek eta homosexual ezaguna zen. Guztiek edo gehienek onartzen zuten. Hala ere, beti bazen baten bat haren kontra zerbait erranen zuena hain berezia izateagatik. Mintxo hasi zen hari buruz hizketan. –Maritxu hori beti antzerkia egiten ibiltzen da. Niri berdin zait, baina ez dut aguantatzen... –beste batek erantzuten ahal zuen, baina Manuk egin zuen. –Aizu lagun, zu ere nabarmen geratzen zara zure ateraldiekin eta ez dugu ezer erraten. –Hara, eta zu ere bai zure iritziak ematen dituzunean. Gure artean detektibe pribatu famatua zarenez denek egiten dizute kasu bortizkeria edo zerbait arraroa gertatzen denean. –Manu haserretu zen. Ez zitzaion ahoberokeria inporta, baina ez zuen jasaten bere lanaz edo bizitzaz publikoki hitz egitea. Behar baino ozenkiago erantzun zion. –Aizu, ez oihukatu nire lana ozenki aldarrikatuz. Nik ez dut zure lanbidea aipatu. Ez dut uste gustatuko litzaizukeenik. –Mintxo putzu-garbitzailea zen Iruñeko garbiketa zerbitzu enpresa batean eta estoldak garbitzen ibiltzen zen. Ez zitzaion bere lanaz hitz egitea gustatzen, gehienetan kaka eta gauza nazkagarriak garbitzen ibiltzen baitzen. –Ados, baina ezin dut onartu maritxu batek hain lasai jendearen aurrean bere gustu probokatzaileak eta jarrera desegokia aldarrikatzea. –Mintxo, pertsona hori ahobero izango da, baina ezin duzu homosexuala izateagatik besteen jomugan utzi. –Eztabaida bukatu zen, baina harrezkero komentario batzuk egin zituzten lagun taldeetan. Beraien artean Junek interesa erakutsi zuen eta galdetu zien gaiaz. –Zergatik hasi da Mintxo horrekin sartzen? –Finak erantzun zion emakume ikuspuntua eman nahian. –Gizonek ez dute beren harrotasuna eta arra izatea inork zalantzan jartzea nahi. Norbaitek gizontasuna zalantzan jartzen duenean urduri jartzen dira –Joxe tartekatu zen, emazteak beste inoren iritzia onartuko ez zuelakoan. –Tira Fina, ez pasatu. Zuk diozun bezala izanen da kasu batzuetan, baina ez beti. Gizon guztiak ez dira homofoboak. Mintxo kasu bat da. Urrutitik, Anjel Flores, Manuri, haren lagunei eta seme-alabei begira zegoen. Askotan jarraitu zituen Manu eta ingurukoak, mina nola egin ahal zion erabakitzeko. Manuri min egiten saiatu zen beste batean; baina, orduan, akabatu baino lehen mindu eta sufriarazi behar zituzten. Filo, Alfa eta Itzala, laguntza baino gehiago enbarazu egiten zuten beste mindu batzuk ziren. Edonola ere, Itzalaren dirua eta baliabideak behar zituen. Filok eta Alfak laguntza eta gorrotoa eskaintzen zizkioten. Filori deitu zion. –Filo, Manu harrapatzeko ordua heldu da. –Anjel, gizon hori ez dugu hain erraz engainatuko. Ongi prestatu behar dugu plan bat. –Gizonak ez zuen ezezkorik onartu behar. –Aizu, Badugu bera harrapatzeko aukera bat. –Emakumea larritu zen. –Nola egin nahi duzu? Zer egingo duzue zuk..., Alfak eta Itzalak? –Ez arduratu gurekin. Zuk bera tranpan sartzen duzun bitartean guk aseguratuko dugu ez duela ihes egiten. Gainera haren jarraipena egiten ari gara. Ordua da zure papera egiteko. –Filok etsi egin zuen. –Zer nahi duzu nik egitea? –Bihar ez bada, etzi segada egin behar diogu. Emilio Solanoren pista eman ahal diozu. Hura erabiliz harrapatu nahi dut Manu hori. Saia zaitez desordu batean deitzen eta konbentzitzen harengana bakarka joateko. Gu zain egongo gara. –Saiatuko naiz ongi egiten, baina gogoratu behar dizut Manu ezin dela hain erraz manipulatu. –Zuk ongi egin eta kito. Filok aldez aurretik asmatu zuen Emiliok Eva estutzen zuela. Kasualitatea izan zen Emilio poltsikoko telefonoaren bidez deialdi batean harrapatzea. Evaren lantoki ondoko tabernan izan zen. Gizonak eskapada bat egin zuen Eva estutzeko eta larritzeko eta komunean sartuta egin zuen dei bat. Kasualitatez Filo lantokiko atariari begira ibili zen goiz osoan eta gizona ezagututa emakumezkoen ondoko komunetik entzun ahal izan zuen beste emakumea estutzen. Handik aurrera gizona jarraitu zuen, bere bizitokia eta baita beste gordelekuren bat ezagutzeko. Bere laguna zen Floresek aholkatu zion Filori Manuren esku kasua uztea gehiago kontrolatzeko eta aurrea hartzeko. Egun hartan, Manu eta seme-alabak goiz joan ziren etxera eta ohera. Nahikoa jan zuten bazkarian eta poteo tartean pintxoren bat hartuta, ez zuten ezer afaltzeko gogorik, esnea edo jogurt bat ez bazen. Hamaikak pasa ziren eta hurrengo goizean egun-pasa ederra egin behar zutenez joan ziren atseden hartzera. Samuel eta harrigarriki Ane haiekin joango ziren. Anek hemezortzi bete zituen eta Junek hamalau. Hala ere, Aneri tarteka Junerekin ibiltzea gustatzen zitzaion eta June zoratzen zen. Bi neskak ez ziren besteekin gaizki moldatzen. Maiatzaren 14a, igandea Aurreko eguneko eraso informatiko globala zen albiste nagusia. Hainbat enpresa handitan eta erakundetan sartzen ahalegindu ziren piratak, datuak blokeatuta dirutza eskatzeko. Beldurra zabaldu zen, baina ez zuten garbi ondorioak zein izanen ziren. Zirudienez eta zorionez informatiko batek gelditu zuen erasoa. Astelehenean ordenagailuak piztean jakinen zuten dena pasatua izanen zen ala ez. Eguneko beste berriak Herri Urrats eguna eta presoen aldeko mobilizazioak ziren. Samuel eta Ane agertu ziren. Goiz atera ziren autoz kostaldera. Hala ere, bazekiten Herri Urrats ospatuko zutela eta Donostiatik joanez gero Behobia bidean auto ilara handiak izango zituztela ordu batzuetan, eguerdia bitartean eta Belate eta Bidasoatik joatea erabaki zuten. Ordu eta gutxira Irunera hurbildu ziren, baina ez zuten denbora gehiegi galdu errotondak pasa eta Irunen sartzeko. Autopistan, bitartean lerro luzeak egiten ari ziren Behobiako peajeetan pasatzeko zailtasuna zegoelako. Oiasso museo erromatarraren ondoan aparkatu zuten eta kafetegi batean sartu ziren denbora egiteko. Hamarretan, puntualki sartu ziren sarrerak ordaindu ondoren. Museoa harrigarria eta interesgarria zen. Oiasso erromatarra ikusi eta hartaz ikasi zuten. Maketak ikusgarriak ziren. Arkeologia, historia eta antropologia izugarri ongi adierazten zituzten eta beraiek gustura jarraitu zituzten. Hasierako bideoaren bidez ideia orokor eta interesgarria ematen zuten. Batzuetan zailak izan arren, gaia haiek atsegintasunez erakusten ziren panel didaktikoen bidez. Erakusleihoetan objektuei buruzko azalpen interesgarriak ulergarriak ziren. Zeramikak, metalezko objektuak eta eskulturak beren testuinguruan azaltzen zituzten eta mapek, marrazkiek eta denbora-diagramek laguntzen zuten garai hartako bizilagunak beren bizitza egiten imajinatzen: portua, termak, Foruko eta eguneroko bizitza; artisautza, olak, meatzaritza eta merkataritza, denak abentura moduan sentiarazten zizkietenak. Txanponak, bitxiak, oihalak, tresnak eta armak ikusi zituzten. Bukaeran erromatarrez jantzi ziren eta argazki eta bideoak egin zizkioten elkarri. Bazeuden tailerrak ere: “Alea iacta est” izeneko bat besteak beste, non erromatarren jokoak egin ahal zituzten; beste txoko batzuk zeuden marrazkiak egiteko edota Herkulesen hamabi lanak gauzatzeko. Kanpoan bisitak egin ahal ziren, baina egun hartan nahikoa egin zuten eta konturatzeko ia ordu bata zen. Gustura geratu ondoren zerbait hartu zuten. Mutilek eta neskek beren iritzia eman zuten. Anek adierazi zuen lehena. –Niri oso antolaketa ona iruditu zait. –Nik didaktika azpimarratuko nuke –izan zen Juneren aipamen burutsua. –Niri mozorrotzea gustatu zait –erran zuen Samuelek. –Niri asko gustatu zaizkit maketak eta azalpenak. –Mikelek bere alde praktikoa erakutsi zien eta Manuk, denek berari begira zeudela ikusita, iritzia eman behar izan zuen gaizki ez geratzeko. –Zer erran behar dut ba? Denok arrazoi duzuela. Antolaketa, didaktika, alde ludikoa eta ikusi eta ikasi beharrekoa oso atsegin erakusten dute. Ezin dut gehiago erran! Irunetik atera zirenean egun zoragarria egiten zuen. Santiago zubia libre zegoenez, handik arazorik gabe pasatzen ahal ziren Hendaiara itzuli txiki bat egitera. Ia pentsatu gabe zubia gainditu eta bestaldeko Hendaia herrian barrena sartu ziren. Portu txikira zuzendu ziren aparkatzeko asmoz. Tamalez ez zegoen lekurik eta nola edo hala molestatzen ez zuen leku batean autoa utzita paseo txikia egin zuten. Eguerdia zela nabari zen. Handik zebiltzan guztiak bisitari kanpotarrak zirela zirudien. Txalupei eta itsasoari begiratu bat eman eta isunari beldurrez itzuli ziren autora. De Gaulle etorbidetik gora posta ondoko aparkalekuan gelditu ahal izan zuten autoa. Jende gutxi zebilen, Iparraldeko bazkalordu goiztiarra baitzen. Paseo eta ikusmira ederrak ziren han, baina bizitza handiko kaleetatik urrun, berehala mugitu ziren Donostiara abiatzeko. Pozik eta entzuten ari ziren abestiak kantatzen aritu ziren ibilaldi laburrean. Kursaal ondoko aparkalekuan autoa utzita erreserbatu zuten jatetxera mugitu ziren eraikin famatuaren ondotik pasatuz eta zubian urari eta inguru zoragarriari begiratzen zieten bitartean. Bulebarrean bizitasun handia nabari zen. Terrazetan ez zegoen tokirik eta kaleetatik kuadrillak eta familiak poteatzen eta zerbait jaten zebiltzan. Haiek ez ziren pintxotan arituko. Kale animatuetatik egindako ibilaldiarekin gozatu zuten. Jatetxean ez zegoen leku librerik. Eskerrak egun batzuk lehenago lekua eskatu zuten. Ondoko mahaietan familiek eta lagun kuadrillek alai eta ozenki adierazten zuten beren poza. Eseri ziren eta eguneko menutik aukerak egin zituzten. Sarrera desberdin asko dastatu ahal izan zuten. Ondoren, Manuk aprobetxatu zuen etxeko espezialitatea eskatzeko: arraina parrillan prestatzen zuten. Lubina izan zen aukeran zutena eta benetan goxo zegoen. Andereñoek arrain pastela eskatzen zuten bitartean, mutilek haragi errea eskatu zuten. Bazkaldu bitartean Museoaz solas entretenigarria izan zuten gaztetxoek. Gero, beren gustuko bizitokiaz aritu ziren. Neskei Donostia hiri zoragarria iruditzen zitzaien eta mutilei Iruñea bezalakorik ez zegoela. Manu saiatu zen gaztetxoek oihurik egin ez zezaten. Postre mundialak hartu ondoren beterik eta gustura zeuden. Bazkaldu ondoren portura eta hondartzako paseora joan ziren ibiltzera. Bapo geratuta arindu behar zuten betekada eta Inguruko edertasunaz gozatu. Portu ondoan Acuarium-ari begira geratu ziren, baina jende asko zegoen lerroan eta beste baterako utzi behar izan zuten. Itsasoa ikusgarri zegoen. Egunaren ederraz gozatu ziren Kontxako paseotik ibili ziren bitartean. Nekatu ez, baina itzuli behar zutenez aparkalekura joan ziren. Donostiatik atera zirenean Manuk pentsatu zuen auto bat haien atzetik zebilela, jarraitu egiten zituztela. Beste batek ez zuen nabarituko, baina Manuk bazekien horretaz. Ez zen justu haien atzean kokatu baina kilometro asko pasatu ziren eta Gorriti parean ehun bat metrora atzetik zuten. Auto arin eta indartsua zen eta arraroa zen haiek ez aurreratzea. Okerrena izan zen gaztetxoak ere konturatu zirela. Junek ez zuen atzera begiratzen, baina autoen matrikularekin jolasten hasi zirenean, kapikuak eta arraroak bilatzen, atzera ere begiratu zuen. Neskak harridura adierazi zuen. –Manu, hor dabilen auto beltz handi hori gure atzetik dabilela erranen nuke. –Manuk tontoarena egin zuen. –Bai, ikusten dut. Zergatik erraten duzu? –Atzean, baina gure atzetik, urrutitik gure arrastoa galdu nahi izanen ez balute bezala ari dira. –Nik ere hori pentsatu dut lehenago –aipatu zuen Anek. –Ez dakit zer erran. Auto gehienak Iruñea eta haruntzago bidean dabiltza eta normala da beste auto batekin ibiltzea. Gu abiadura onean gabiltza eta haiek ere bai. –Ez. Gu baimendutako abiaduran gabiltza, baina auto hori oso indartsua da eta arraroa da denbora guztian gugandik 100 metrora izatea. –Hara! Egia izanen da, baina berdin erraten ahal dugu gorri horretaz... –Bai, gorria gure atzetik dabil, baina zaharra da eta ezin du gehiago egin –izan zen Mikelen komentarioa. Manuk garrantzia kendu zion eta aipatu zuen kasualitatea izanen zela. Handik kilometro gutxitara galdu zuten auto beltzaren arrastoa eta auzia ahaztu zuten. Arrotxapeara heldu zirenean nekatuta zeudenez, Manuk, Ane eta Samuel beren etxe ondoan utzi zituen. Gero seme-alabak izan ziren etxera eraman zituenak. Mirenekin eguneko kontuei buruz solasean pixka batean izan ondoren, Manu ere berera mugitu zen. Irakurtzen eman zuen arratsa. Filok deitu zion Manuri. Gaueko hamaikak pasa ziren. –Manu, etorri lehenbailehen! Gogoratu egin dut, zuei kasua pasatu baino lehen, entzun egin nuela Emiliori buruz amaren herrian etxe bat zuela. Martzilla zen herria eta hona etorri naizenean jakin dut Emilio azken egunetan agertu dela. Zure laguntza behar dut dena segurtatzeko, azken ikerketak egin eta atxilotzeko. Ni ez naiz ausartzen bakarrik atxilotzen, eta uste dut ahalik eta mobida gutxien eginda lortuko dugula. Ondoko kuarteleko zibilei laguntza eskatu behar diet, behin txoria lekututa. Dena den, zu etortzea nahi nuke. –Zer diozu? Dei iezaiezu zibilei eta egin ezazue ikerketa eta atxiloketa. –Manu, zure laguntza behar dut. Ziur naiz zibilek ez dutela behar den bezala egingo. Guk biok harrapa dezakegu behar den kontu handiz. Ostatu on batean naiz eta zuretzat beste gela bat eska dezaket. Goizean goiz egin dezakegu ikerketa eta zibilen laguntzaz harrapatu... –Bihar goizerako hor izanen nauzu... –Ez, Manu. Goizean txoriak ihes egin dezake. Gaztelu ondoko ostatuan ordu batzuetan deskantsatu eta argitu aurretik harrapatzera joango gara. –Ongi da. Ordu batean han izanen naiz. Filo... ez dut nahi zuk dakizun tontakeriarik. Niretzako gela bat nahi dut. Ulertu? –Ez kezkatu. Nekatuta eta urduri nago kasuarekin. Zu zatozen bitartean zerbait afaldu eta oheratuko naiz gero. Hotelean zure esperoan egonen dira eta ez nauzu seiak arte ikusiko. Ordurako eskatu dut gosaria prest izatea. Ongi iruditzen al zaizu? –Ongi da. Espero dut tontakeriarik jasan behar ez izatea, baina gaztelu atarian egonen zara nire zain, Emilioz dakizuna kontatzeko. Gero arte orduan. Manuk larrialdirako poltsa hartu zuen eta autora mugitu zen. Denbora eman zuen autoa kontrolatzeko eta inor zain ez zuela segurtatzeko. Handik gutxira autopistan zen Martzilla bidean. Ordu batean herrian sartu zenean gauerdia pasa zen. Cava-ren plazan autoa utzi eta ingurura begiratu zuen Filoren bila. Ostatua handik gertu zegoena izango zen, baina gazteluaren atarian topatzea adostu zutenez haren zain geratu zen. Handik minutura hurbiltzen ari zen auto bat. Ustekabean leiho batetik, pistola bat ikusi zuen ateratzen. Ozta ezkutatu zen ondoko autoan tirorik ez jasotzeko. Hiru tiro entzun eta nabaritu zituen autoaren txapan eta leihoetan. Zer egin ez zekiela polizien sirenak entzun zituen. Foruzainen auto batzuk azaldu ziren, erasotzaileen autoaren atzetik mugitu zirenak. Bertan geratu zen. Auto batetik inspektore bat jaistean, Manuk bere izena aipatzen zutela entzun zuen. –Manu Elkano Jauna, Pablo Sola inspektorea naiz. Jabier Lopez komisarioak erran digu Martzillako gurutzean agertuko zinela eta zu babesteko. Gaizkile horiek harrapatuko ditugu. Komisarioa ez da agertuko, baina foruzain bat utziko dugu zure lasaitasunerako. Zerbait behar al duzu? –Gabon inspektore. Eskerrak agertu zareten! Gaizkile horiek ni akabatzeko asmoa zuten. Hau tranpa bat izan da eta antolatu duena Filo Maturana da. Hostalean dagoen begiratu behar dut. Dena den, galdekatu behar nuke hurrengo urratsak eman baino lehen. –Ongi da. Simon Larra izeneko foruzainak lagunduko dizu. Ni hemen geratuko naiz iheslarien berri izan arte. Zerbait nahi baduzu erranen didazu. –Primeran. Ni banoa ostatura. Foruzainaren laguntzaz ostatuan sartu eta harreran galdetu zuen Filoz. Ostatuko langileak erran zion minutu batzuk lehenago atera zela. Orduantxe deitu zion Filok. Emakumea desenkusatzen hasi zen. –Manu, ongi zaude? Sentitzen dut. Bahitu naute eta tiro hotsak entzun ditut. Dena oso azkar pasatu da. Autotik bota naute. Zorionez, ez dute astirik izan poltsa eta telefonoa kentzeko... –Ez dizut sinesten. Nola jakin dute hona nentorrela? Nork erran die? Nortzuk dira hiltzaile horiek eta zergatik hil nahi naute? –Ez dakit. Ziur asko norbaitek jarraitu nau. Manu, minutu gutxitan izanen naiz han eta dakidana azalduko dizut. Handik gutxira. Filo agertu zen eroriko baten arrastoak zituela. Manu ez zen fidatzen, baina probarik gabe ezin zuen ezer egin. Emakumeak erran zuen ordu batzuk lehenago jakin zuela Emilio non bizi zen. Ez zuten Emilio bezala ezagutzen, baina argazkiak erakutsita Filok baieztatu ahal izan zuen bera zela. Simon foruzainak etxea zainduko zutela erran zien. Ikertzaileak pentsatu zuen ez zutela goiza arte zain egon behar. Tiro hotsekin herritarrak aztoratu zirenez, laster batean egin zuten operatiboa. Emilio atxilotuta eraman zuten Iruñera, baina Filok eta Manuk adierazpena egin eta sinatu behar izan zuten Martzilako ostatuan. Konturatzeko hirurak pasa ziren eta nekatuta zeuden. Manu hostalean sartu zen lotara joateko. Maiatzaren 15a, astelehena Goizean ez zuen Filo topatu: ihes egin zuen, nonbait. Manu Iruñera itzuli zen egun eder hartan. Aurreko egunean gertatutakoa gogorra izanda ere, ongi eta bizirik sentitu zen. Jabierrekin komentatu zuen aurreko gauean pasa zena. Filo bilatuko zuten, baina ez zuten froga handirik berak segada eta hilketa ahaleginean parte hartzeagatik: dena susmoa baino ez zen. Hala ere, arraroa izanen zen hura gertatzea, berak jakin gabe. Ihes egin zuten gaizkileak ez zituzten harrapatu, itxuraz inguruan ongi gordeta geratu baitziren. Emilio atxilotu zutenean onartu egin zuen egindako jazarpena eta Eva bahitzeko asmoa zuela. Epaiaren esperoan espetxeratuko zuten. Ikertzailea Evarekin ere mintzatu zen ondoren. Kasua itxita zegoen eta falta zen bakarra emakumeari xehetasun guztiak kontatzea. Evari sinestezina iruditu zitzaion eta harrituta zegoen gertatutakoarekin, baina era berean lasaitu ederra hartu zuen. Ikertzaileak faltan sumatu zuen Jaker. Aurreko ortziralean gertatutako ziber-eraso orokorra zela-eta, Manu urdurituta zegoen ordenagailuak piztu ala ez zalantzan. Jaker zen ordenagailuz eta Interneten aritzen zena. Lana bulegotik atera gabe egiten zuen gehienetan. Hala ere, batzuetan egunak ematen zituen Enconter eta kongresu batzuetan zituen lankide eta lagunekin. Berlinen asteburua eta beste bi egun pasatuko zituen. Manuk lankidea behar zuen, laguna. Denbora gutxian beharrezkoa egin zitzaion, baina ez zuen une hartan deitu behar ume txiki bat balitz bezala. Manuk ordenagailua piztu zuen azkenean. Itxuraz ezer gertatu ez zenez, jarraitu zuen. kasuaren txostena osatu eta diru kontuak zehaztu zituen. Dena eginda, ongi gorde eta kopia bidali zion Evari korreo elektronikoz. Goiz erdia zen. Handik gutxira beheko ateko txirrina jo zuten. Ikertzaileak ia ahaztuta zuen Pepi Fernandez eta Elena Burgirekin geratu zela hitz egiteko. Pepi beti bezain dotore agertu zen traje bat jantziz. Elenak bakeroak eta top bat janzten zituen, eroso. Bi emakumeak agurtu eta esertzera eta zerbait hartzera gonbidatu zituen. Biek ura eskatu zuten eta mahaiaren aurrean sofa-besaulkietan eseri ondoren hasi ziren eguraldiaz eta egun haietako kontuaz hizketan. Laster, gaian sartu ziren. Kasua berezia zen eta hasieratik bazekiten ikerketan sartzea eta aurreratzea kostatuko zitzaiela. Ikertzaileak, handik aurrera beste kasuez kezkatu behar ez zutenez gehiago zentratuko ziren kasu horretan. Pepik komentatu zuen azken aldian ez zela margo gehiagorik agertu, agian gaizkileek, ikerketak egiten ari zirela susmatzeagatik. Dena den, Elenak ikerketaren aurrerapenen berri izan zuen. Emakumeak uste zuen Gorkak eta Lorentxok, poliki, baina lan handia egiten ari zirela ustezko margolari iruzurgileen inguruan. Pepik, ordea, aurrerapen haiei buruzko laburpena egitea eskatu zien besteei. –Barkatu, baina ez ditut zuek egunero eman dituzuen urrats guztiak ezagutzen. Sentitzen dut, baina uste dut hurrengo pausoak zein izanen diren erabakitzeko egoera zehatza ezagutu behar dela. Konta diezadakezue Gorkak eta Lorentxok zer egin eta zer jakin duten? –Elenak egin zuen egoera orokorraren aurkezpena. –Dakizunez, Lorentxo zen arteaz eta margotzeaz zekien ikerlaria. Tailerrean sartu da eta beraren bidez lortuko dugu iruzurtiak izan daitezkeenak ikertzea. Gorka, bere kidea, oso lagunkoia da eta laguntzen dio. Biek lortu dute harreman on bana ikerketa jarraitzeko. –Manuk jarraitu zuen bakoitzak jakin zuena azaltzen. –Laburtuta erranen dizut Lorentxok susmagarri batekin, Maria Irisarrirekin, harreman ona lortu duela eta Gorkak Michelle izeneko baten laguntzaz bigarren ikuspuntua ematen digula. Maria oso ona da espresionista abstraktuen bertsioak egiten, baina ez dirudi iruzurgilea denik. Michellek baieztatu du Maria oso pertsona ona eta zuzena dela. Txomin Barbarin, beste susmagarriak, berriz, tailer bat dauka herrian eta ezkutuan zer egiten duen jakitea da helburua. –Pepik bere izaera erakutsi zuen hurrengo galdera egitean. Irribarre batekin galdetu egin zuen. –Hala izango da, baina ziur al gaude Mariak edo Michellek ez dutela zerikusirik iruzurrarekin? –Elenak erantzun zion. –Ez dago dudarik. Gorkak zentzumen berezia du gezurra harrapatzeko eta Lorentxok dio Mariak ez duela interes ekonomikorik. Txomin Barbarin, berriz, gai da teknikoki egiteko eta ez omen du eskrupulu gehiegirik. –Ongi da. Zer egin dezakegu? –Manuk erantzun zion. –Gorkak dio Michellek dena jakinez gero, laguntza handia izango litzatekeela eta Mariari ere esatea pentsatu behar dugula. Kontua da Barbarinen herriko tailerrean sartzea. Bestetik, Michellek eta bereziki Mariak segurtatzen ahal dute Txominen lana iruzurra dela. Uste dugu Txominek egin dituela Pollocken iruzurrak. –Pepik segundu batzuetan sententziatu zuen. –Bidea hori dela dirudi. Hitz egin ezazue Gorka eta Lorentxorekin iruzurti hori harrapatzeko –Pepik presa zuenez Elena eta Manu utzi zituen plana borobiltzen. Hala ere, biek uste zuten Gorka eta Lorentxoren ikuspuntua eta iritziak beharrezkoak zirela eta arratsalderako utzi zuten. Goiz bazen ere, Manu bazkaltzera jaitsi zen auzora. Autoz laster izan zen han. 10. Iruñeko gauetan droga gogorrak zabaltzen ari ziren Jai Alain sartu zen. Oso goiz zenez ez zebilen inor. Lagunak agurtu zituen. Orduko ez ziren bazkariak ematen hasi. Zer edo zer bazkaltzen ahal zuen galdetuta, Gabrielak erran zion prestatuta zituen plater bakarrak dilistak eta haragi gisatua zirela. Berak dilistekin aski eta soberan zuen eta horrela eskatu zuen. Barran, Felixen ondoan bazkaldu zuen ardo pixka baten laguntzaz. Gustura bazkaltzen ari zela, Felixek arazo bat zuela erran zion. Gizona, kezkatuta, kontatzen hasi zitzaion lagunari. –Gure iloba Iker, Gabrielaren ahizpa zaharraren seme txikia, droga-munduan sartuta omen dago. Ez dakigu zer punturaino eta zer egin daitekeen. –Ea Felix... Lehenengo gauza zer gertatzen ari den jakitea da. Ongi egin duzue aipatzean. Ikertuko dugu zer punturaino dagoen sartuta. Emadazu helbidea eta erran noiz ateratzen den kontu horietan aritzeko. –Nik... Gabrielak eta biok kontsultatu baino ez genizun egin nahi! –Tontakeriak! Erran dizudan bezala, zer gertatzen zaion jakitea da premiazkoena. Ez izan kuidadorik. Entzun dudanez Iruñean eta beste leku batzuetan droga gehiago mugitzen ari da eta hau izan daiteke Ikerren momentu txar bat, pasa daitekeena. –Hala izan dadila! Langabezian dago eta ia gauero hamaikak aldera ateratzen da ordu txikiak arte. Bazkaldu arte egiten du lo eta ez da pertsona arratsaldea arte. Zakar jokatzen du etxekoekin. Erranen diguzu... –Felix, ez aipatu ordaintzekorik. Zuek lasai hartu. Jogurt bat hartu zuen bukatzeko. Manuk pentsatu zuen arratsaldean bertan Gorka eta Lorentxori galdetuko ziela segizioa egin ahal zuten. Bestela berak egin beharko zuen, baina nahiago zuen jarraipena gazte haiek egitea, bera giro hartan nabarmen ez geratzeko. Handik gutxira Gabriela eta Felix agurtu eta etxera joan zen atseden pixka bat hartzera. Arratsaldean, Lorentxo eta Gorka agertu zirenean, asteburuko informazioa trukatu zuten. Manuk kontatu zien Martzillan gertatutakoa eta beraiek, asteburuan lagun berriekin egin zutena. Lorentxok, Maria Irisarrirekin pasatzen zituen orduak tailerrean koadroak margotzen eta Gorka Michellerekin ateratzen ari zen. Azken honek kontatu zien beste ikertzaileei buruz Michellek erran ziona. –Michellek erran dit Txomin Barbarin misteriotsu jokatzen eta ezkutuan ibiltzen ari dela azken aldian. Lehen, irekia eta atseginagoa zen tailerreko betiko margolariekin eta orain, aldiz, ez du besteekin harremanik nahi eta aparteko gela batean aritzen da. Hurbildu daitekeen bakarrenetakoa Maria Irisarri da. Nik uste dut Michelleri dena kontatu eta laguntza eskatu behar diogula. Mariari ere eskatu behar diogun pentsatu behar genuke. Lorentxo, zer diozu? –Honek erantzun zion. –Mariak ez du bere lagunari buruz ezer erran nahi. Sumatzen du zerbait gertatzen ari dela eta niri zuzenean galdetu dit zergatik ari naizen galdetzen. Ni desenkusatu naiz bere lana interesatzen zaidala erranez, baina uste dut egia erran behar diogula. –Manuk ere hala pentsatzen zuen. –Bai, Lorentxo. Michelleri zein Mariari dena kontatu beharko genieke. Beraien laguntza behar dugu eta ez mesfidantza. Jakin behar dugu Txomin Barbarinek herriko etxean zer egiten duen eta horretarako zuen lagunen laguntza behar dugu. Kasu harekin eman beharreko urratsak erabakita, Manuk Gabrielaren ilobaren arazoa kontatu zien. Bi laguntzaileek ezagutzen zituzten Gabriela eta Felix eta interesa erakutsi zuten. Ez zuten arazorik izan arratsetan arte-tailerretik atera ondoren afaldu eta Ikerren ibilerak jarraitzeko. Zazpiak aldera Manu lanetik atera zen. Betiko lau lagunek, Joxe, Patxi, Felix eta bera, paseoa egiteko asmoa zuten. Kontu handiz atera zen kalera eta autoa aztertu zuen abiatu baino lehen. Azken aldian paranoiko sentitzen zen eta mikroen detektagailua piztu zuen mikroak edo bilatzeko. Ez zuen ezer topatu. Nork jarraitu eta zelatatu nahiko zuen pentsatzen geratu zen, alferrik. Lagunak Manuren esperoan ziren. Ikertzailea hamar minutu beranduago agertu zen arnaska. Barkamena eskatu ondoren abiatu ziren arin-arin, bikoteka. Bera eta Felix lehenik eta Joxe eta Patxi pauso batera ohitura zuten bezala. Jende asko ibiltzen zen bide haietatik ordu hartan. Felixek galdetu gabe, ikertzaileak kontatu zion bere laguntzaileek Ikerren ibilerak behatuko zituztela. Hala ere, guztiak ari ziren gaztearen kasuan pentsatzen. Berrogei minutuan, nekatuta, atseden egiteko geratu eta eseri zirenean Patxi mintzatu zitzaien. Gizona beldur zen. –Droga asko mugitzen ari da gazteen giroetan. Anek dio hatxis eta mariaz aparte estasi eta speed saltzen ari direla. Gure alabak hamezortzi urte baino ez ditu eta kontatu digu festa batzuetan droga horiek eskaintzen dituztela. Egoera oso larria da. Poliziek gaizkile horiek gelditu beharko lituzkete. Lagunek nork bere modura kezka adierazi zuten. Orduan Felixen ilobaren ibileraz ari ziren hizketan, baina Patxik droga ikusten zuen Aneren bidean eta Joxe eta Manu, seme-alaba gaztetxoagoak zituztenez, ez ziren lasai sentitzen. Manu ezin izan zen isilik geratu eta hitz eman baino desioa adierazi zien besteei. –Ikerrekin zer gertatzen ari den ikertzen dugun bitartean mafia berriaz informazio gehiago izanen dugu. Foruzaingoaren laguntza ere eska dezakegu, gaizkile horietaz probaren bat lortzen badugu. Ezin dizuet ezer hitz eman, baina ahal duguna eginen dugu. –Lagunak isilik itzuli ziren auzora. Felixenera heldu zirenean pintxo eta garagardo bana hartu zuten. Pixkana inguru eta giro seguruan, jan-edanek lagunduta beren senera itzuli ziren. Neurri batean bizitzaren alde baikorragoa ikusteko gai izan ziren. Manuk, Gabrielak prestatu eta eman zizkion purea eta arraina eraman zituen tuperretan. Bi egunetarako afaria izanen zuen. Etxean, ikertzaileak telebistako berriak jarraitu zituen. On egin zion lagunekin ibiltzeak baita hitz egiteak ere. Une hartan gazteen giroetako droga-arriskua perspektibaz ikusten zuen. Ahal bazuten mafia haiek geldiaraziko zituzten. Afaldu berritan izanen zirelakoan etxekoei deitu zien. Mikelek hartu zuen telefonoa. Mutilak hurrengo larunbatean partidara eramanen zuen galdetu zion. Futbolaria zen, lagunekin jokatzea gustatzen zitzaion eta behin baino gehiagotan leporatu zion aitari partida guztietan ez egotea. Manuren kasuek, batzuetan, ez zioten nahi bezala seme-alabekin egoten uzten. Hitz eman zion han izateko ahal zuena eginen zuela. Junek, berriz, anaiari entzunda goxo hitz egin zion. –Kaixo, aita. Mikel ez dago haserre, baina zu egotea nahi du. Lasai, pasatuko zaio. Ahal bada, ama ere joanen da. Orain dutxan dago, baina erran dit deituko dizula. –Handik gutxira Mirenek deitu zion larunbatean elkarrekin bazkaltzeko, agian inguruko herri batean. Emazteari bere kezka adierazi zion. –Ez dakit posible izanen dudan. Lanpetuta nabil eta ez dakit libratuko naizen. Gurasoek ere bazkaria antolatu nahi dute igandean, ohitura dutenez. –Lasai, Manu. Ikusten dut urduri zabiltzala. Zure amarekin mintzatuko naiz, larunbatean gurekin bazkaltzera etortzeko, bestela berarenean bazkal dezakegu. Utzi nire kontu. Maiatzaren 16a, asteartea Manuri egun zoragarria iruditu zitzaion. Ongi gosaldu ondoren prest zegoen eguneko kontuetan hasteko. Hala ere, lanera abiatu baino lehen etxea txukuntzen eman zuen ordu luze bat. Joan behar zuen, baina aurretik autoan eta aparkalekuan dena begiratu zuen. Ez zuen nahi, baina badaezpada autoz igo zen lanera eta gehienetan egunez libre geratzen zen lagun baten aparkalekua erabiltzen zuen. Bidean ere kontuz ibili zen segiziorik ez izateko. Bulegoko mahaian eseri bezain pronto Elenak deitu zion informazio berririk zuten jakiteko. Beranduago hitz egitekotan geratu ziren azken berriak emateko. Ez zen denbora gehiegi pasa Jakerrek deia egin zion arte. Hurrengo egunean agertuko zen, baina gazteak eskatuta, Manuk azken egunetako gora-beherak kontatu zizkion. Handik gutxira Gorka izan zen deitu zuena. Hasteko Ikerren ibilerak eta aurreko gauean gertatu zena kontatu zion nagusiari. Misterio puntua ematen ziola pentsatu zuen Manuk. –Iker jarraitu genuen etxetik atera zenetik. Urruti mantendu ginen eta ez gintuen ikusi. Zuzen zuzenean joan zen Navarreriako taberna batera. Han ez genuen ezer arrarorik nabaritu, baina hatxis eta maria lortu zituen, ziur aski gu sartu baino lehen norbaitek pasatu zizkionak. Handik gutxira itzuli bat egin zuen inguruko tabernetatik: saltzen ibili zen. Gutxika, ordu pare-hirutan lan egin zuen, noizbehinka lagun edo ezagunekin zerbait hartzen zuen bitartean. Kalkulatu dugu beraren kontsumorako eta gutxi gehiago ateratzen duela. Mutil horrek ez du mila euro irabaziko, asteburuetan gehiago salduta ere. Hatxis eta maria baino ez du saltzen. Galdetu dugunean erran digute ez duela beste drogekin ezer nahi. –Orduan, langabezian dagoen kontsumitzaile eta saltzaile txikia baino ez da. Lasaitu ederra hartuko dute Gabrielak eta Felixek... –Gorkak ez zuen bukatu, ordea. –Manu, joatekotan ginenean morroi bat Iker jarraitzen ari zela ikusi genuen. Aurpegi txarreko itxuragatik kezkatuta, asmatu genuen kaleko bakardadean eraso egin zionean. Lorentxok kolpe bat eman zion pistola kentzeko eta nik Iker izutu bat eraman nuen ondoko taberna batera. Lorentxok erran zigun gizonak ihes egin zuela eta mutilari galdetu genion zergatik eraso zuten. –Erran al zenioten hari segika ari zinetela? –galdetu zien Manuk. –Ez... Kontatu zigun gaizkile batzuek speed, koka, heroina eta estasia sartu nahi dituztela salneurri merkean. Asteburuetan ibiltzen dira diskoteketan, baina gaueko taberna arruntak ere kontrolatu nahi omen dituzte, eta bera bezalako hatxis eta maria saltzaile txikiak kanporatu nahi dituzte. Mehatxuka ari dira. –Aholkatu al diozue salmenta uzteko? –Ez. Galdetu diodanean erran dit kontuz ibiliko dela beraren gustuko lau-bost tabernetan eta kito. Kontuz ibiliko da... Dena den, uste dut ulertu duela arriskuan dagoela, ahal izanez gero lan arrunt bat hartuko duela erran baitit. Orduan Gorkak hitz egin zuen beste auziaz. Michelleri dena kontatu ziotenean, edozer egiteko prest zegoela adierazi zien. Maria Irisarriri, Lorentxok ez zion ezer kontatu, bere kabuz, zerbait asmatu zuelako. –Mariak ezer galdetu gabe aipatu dit Barbarinek kopia susmagarriak egiten dituela. Aurreko egunean Maria bere etxera joan zen tailerrean aurkitu ez zituen margo batzuk eskuratzera eta une batean Txomin sukaldera joan zenean gizonak estalita zuen koadroa begiratu zuen. Pollocken kopia bat zirudien, baina konturatu zen mihisea oso zaharra zela eta inoiz ikusi ez zituen pintura akriliko zaharrak erabiltzen zituela... –Manu ezin izan zen isilik geratu. –Orduan uste al duzu haren kontra salaketa eta lekukotza egiten ahal duela? – Lorentxok ziurtasun osoz mintzatu zen. –Ez. Oraindik ez du kontua barneratu. Harriduraz beteta izateagatik aipatu zidan, baina oraindik haren laguna da eta uste dut ez dagoela salatzeko prest –Gorkak hartu zuen parte solasean. –Lorentxok arrazoi du. Ezin dugu orain erran espiatzen ari garela. Maria barnerakoi samarra da eta gaizki har dezake gure eginkizuna. Lehenago ikusarazi behar diogu gaizkilea dela, iruzurtia eta arteari kalte egiten diola. –Hala ikusten baduzue, ez dugu behartuko. Edonola ere jakin behar dugu non dituen margo faltsuak eta material zahar horiek eta epailearen arakatzeko baimena lortzeko Mariaren salaketa garbia behar dugu. Jabier Lopezek badu ikerketaren berri eta miaketarako prozedura prestatzen ari da... Lorentxo, noizko izan dezakegu Mariaren laguntza? –Nik uste dut egun gutxitan konturatuko dela salatu baino beste erremediorik ez duela. Utzi niri poliki tratatzen. Uste dut berak bakarrik segurtatzen ahal digula non gordetzen dituen iruzurrerako margo eta materialak. Horrela utzi zuten gaia. Manuk aipatu zien Jakerren laguntzaz informazio gehiago lortuko zutela. Droga munduko gaizkileekin zerbait egin behar zuten, baina momentuz ezin zuten ezer egin. Ikertzaileak eta laguntzaileek hurrengo egunera arte agurtu zuten elkar. Denbora galdu gabe, Manuk Elenari azken berriak eman zizkion. Jabierri ere kontatu behar zion ordura arte ikertutakoa. Suertea izan zuen eta entzuteko prest topatu zuen komisario foruzaina. Honek elkar-laguntzerako prestutasuna adierazi zion. Droga-mafia berriez ere zerbait egiteko gogoa adierazi zion ikertzaile lagunari. –Orain utzi behar zaitut, baina zaude lasai, mafia heldu berri hori ikertzen ari gara. Hitz egingo dugu luze eta lasai. 11. Udaltzaingotik dei eta berri harrigarria izan zuen Manuk Goiz erdian kafe bat prestatu zuen. Orduan, dei harrigarri bat izan zuen. Iruñeko udal zerbitzuetatik deitu zioten. Telefonistak Udaltzaingoko buru batekin jarri behar zutela erran zion. Udaltzaina Roberto Murillo inspektorea zen, lankide izandakoa. Elkar agurtu ondoren honek kontatu zion udaltzaingoa berrantolatzen ari zirela. Hiritarrenganako hurbilpena gauzatzen ari ziren eta zerbitzu berriak sortzen. Auzoetako zaintza eta arreta zerbitzua martxan jartzen ari ziren eta genero indarkeria eta segurtasun taldea eratu. Gainera, Foruzaingoarekin delinkuentziarako koordinazio zerbitzua martxan jarri nahi zuten. Bitxiena izan zen udalean bazekitela Manu eszedentzian zegoela eta koordinazio talde horren burutza eskaini nahi ziotela. Inspektore mailako postua izanen zuen, Udaltzaingoko goi-goi postuetako bat udaltzain-buruaren menpean. Manu lur eta zur geratu zen. Informazioagatik eskerrak eman zizkion Robertori agurtu baino lehen. Momentuz ez zuen Jabier Lopezekin hitz egiterik izan. Emandako berria lagunarekin komentatu nahi zuen Manuk. Harrigarria zen Jabierrek horretaz hitz egin ez izana. Handik gutxira Jabierrek berak deitu zion. Manuk, koordinazio postuaz galdetu zion Foruzaingoko komisarioari, laguna zen neurrian egiazko azalpenak emanen zizkiolakoan. Honek dena argitu zion. –Begira Manu, oraindik gurekin koordinatzeko Udaltzaingoko Delinkuentziarako Koordinazio Taldea, UDKT, ideia baino ez da. –Bazirudien brometan ari zela–. Udalean ideia adierazi digutenean guk konfiantzazko buru ezagun batek gidatu beharko lukeela aipatu dugu eta zure eszedentzia eta lana goraipatu. Badirudi udaltzain-buruen artean ere ezagunak dituzula. Nik hau guztia nahiko egitasmo berdea ikusten dut eta horregatik ez dizut aipatu. Dena den, beraietako batek aipatu duenez pentsatzekoa da aurrera egiteko asmoarekin jarraitu nahi dutela. Nik badakit zure oraingo lanean arriskua eta bizimodu zaila duzula. Beraz, zure familiarekin ongi izateko postu berria aholkatuko nizuke, baina garbi utzi behar dizut oraindik ez dela errealitate bat. Asmoarekin jarraituz gero, lanpostua eskainiko dizute. Zuri zer iruditzen zaizu? –Manu askoz harrituago zegoen. –Beno... Hasteko eskertzen dizut ni proposatu izana. Ez dakit. Ez dut ilusiorik egin nahi, gero ezertan geratzeko. Postu hori... –Lagunak argitu zion lanpostuaren izaera. –Inspektore postu hori bulegokoa izango litzateke. Talde operatiboaren buru inspektoreorde bat jarri nahi dute. Larrialdirik ez denean bulegoko lan-ordutegia eta soldata polita izanen zenituzke. Larrialdietan ere, ez zenuke zuzenean parte hartu beharko. Konfiantzazko eta pentsatzen dakien batentzako postua da. Postuak eskatuko luke gure bi polizien arteko koordinazioa eta talde baten burutza eramatea. Hala ere, ez zenituzke oraingo arriskuak eta lan estresanteak izanen. –Jabier, jota nago. Ametsa iruditzen zait eta ez nuke ilusiorik egin nahi. –Hara! Nik nioena. Ez dizut ezer erran arrazoi horregatik. Dena den, badirudi aurrera doala. Zer egingo zenuke ikerketa pribatuko zerbitzuarekin? –Utzi beharko nuke, interes nahasmen arazorik ez izateko. Jaker eta Lala utziko nituzke bulegoan, Lorentxo eta Gorkaren laguntzarekin. Nik negozio bezala utziko nuke eta bulegoa alokatu. Ametsa dirudi honek. –Tira! Amets egin eta pentsa zer aldatuko litzateke zure bizitzan. Zure familiaren ondoan bizitza lasaia izanen zenuke. Lagunek utzi zuten solasa eguerdia baitzen eta bazkaltzera joan behar zuten. Manu seguruago egonen zen bulegoan bazkaltzen, baina Gabriela eta Felixekin zuzenean hitz egin behar zuen eta lasaitu nahi zituen. Betiko neurriak hartuta jaitsi zen auzora. Toki Alain sartu zenean bi lagunak hurbildu zitzaizkion ilobaren inguruko ikerketaz jakiteko. Bazkariak emanak zituzten neurri batean eta laguntzaileak egin ahal zituen orduko lanak denbora batez. Nabari zen senar-emazteak urduri zeudela. Gabrielak bazkaltzeko zeuzkan platerak eskaini zizkion Manuri. –Manu, oraindik entsalada, txitxirioak eta barazkiak “tenpura”n dituzu aukeran eta oilasko bularrak, lirioak eta hanburgesa bigarrenerako. –Manuk ezin zituen horrela utzi. Lehenbailehen jakinarazi behar zien ilobari buruzko ikerketa. –Gabriela, barazkiak tenpuran eta lirioak eskatuko dizkizut, baina ez dut presarik. Eser gaitezen mahai horretan eta kontatuko dizuet. Beno, kaina bat hartuko nuke, ahoa lehor dudalako. Felixek eraman zituen kainak. Gabrielak barazki egin berriak hurbildu zituen eta hirurak eseri ziren. Ikertzaileak kainari trago handi bat egin zion eta garrantzitsuena kontatu zien. –Zuen iloba Iker ez da gaizkile bat. Gauero egiten duena ezagun batzuei hatxis edo maria pixka bat pasatzea besterik ez da. Lan faltagatik horrela ateratzen du diru pixka bat eta bere kontsumorako zerbait ere bai. Ikusi dugunez kopuru txikiak maneiatzen ditu eta ez du poliziarekin arazorik izanen... –Lasaitu ederra hartu zuten izeba-osabek. Hala ere, tonuagatik edo, Gabrielak zerbait susmatu zuen. –Manu, zerbait txarra kontatu behar diguzu. Baina, jan ezazu pixka batean. –Hasiko naiz bazkaltzen, baina tartean zerbait kontatu behar dizuet... Mafia batek kontrolatu nahi du Iruñeko droga-mundua eta saltzaile txikiak erditik kendu nahi ditu. Arriskutsuak dira droga gogorrak saldu nahi dituztelako, baina zure iloba leku seguruetan mugituko da. –Iloba horrek ezuste txarrak emanen dizkigu –izan zen Gabrielaren komentarioa. Manuk lasaitu zuen. –Ez, Gabriela. Iker ez da txoriburu bat. Jakinen du aparte ibiltzen. Gainera, bere gogoa lan bat aurkitzea da. Zer ikasi du? –Automobilen mekanika ikasi du, baina lanean hasi berritan itxi zuten tailerra eta ez du suerterik izan. –Ez zenuten aipatu. Gorkari galdetuko diot inor behar duten bere tailerrean... –Hara! Ea lortzen duzuen. Mila esker Manu, laguntzeagatik. Orain jarraitu bazkaltzen. –Emakumeak besotik hartu zuen senarra eta lanean jarraitu zuten. Ongi bazkalduta, lagunak agurtu zituen eta lo-kuluxka egitera joan zen. Nekatuta zegoen, oso goiz gogorra eta ezustez betea izan baitzuen. Arratsaldean alferrik saiatu zen lanean. Sargoriak ez zuen laguntzen. Ordu batean ezin izan zuen ezer egin eta bueltaka hasi zen bulegoan. Aireratzeak on eginen ziolakoan kalera atera zen. Kalean haizeak freskatzen zuen pixka batean eta gusturago sentitu zen. Noraezean ibiliko zela uste zuen, baina Xabier karrika-tik Kaldereria kalea hartu zuen Navarreria eta katedralaren bidea. Kuriatik pasa eta ia ez zion kasurik egin eraikinari. San Jose plazako banku batean eseri zen iturriari eta plazako bizitasunari begira. Haurrak jolasten ari ziren gurasoen begiradapean eta gazte kuadrilla batzuk korroan ari ziren hizketan bankuetan eta katedralaren aldameneko atariaren ondoan, eskaileretan. Ibiltari batzuk paseatzen ari ziren gora eta behera. Aspaldiko La Normal, Magisterio edo Irakasle-Eskola izandakoaren ondoan gazte bat ari zen disimuluan begiratzen. Norbaitek zelatatu edo jarraitu nahi zuen. Ziur aski lau sosengatik beste batzuen agindua betetzen ari zen gazteak ez zuen arriskutsua ematen. Momentuz Manuk ez zuen larritzeko arrazoirik aurkitu. Altxatu zen eta Redinera abiatu zen. Une batez Zaldi Zuritik pasa eta Ezkaba eta Txantreari begiratua bota zion. Itzultzean gaztea disimulatzen bistaratu zuen. Denbora galdu gabe itzuli behar zuen bulegora. Hala ere, disimulatzeko Zumalakarregiren atari ondotik eta Karmen kaletik pasa zen paseatzaileen artean. Jendetza zebilen kaletik tabernaz taberna. Nabarreria plaza, lan-eguna bukatuta, jendez beteta zegoen. Bulegora itzuli zen. Berandutzen ari zen eta ez zuen arratsaldea aprobetxatu, ezta gogoa lasaitu ere, are gutxiago jarraitzen zutela ikustean. Handik gutxira auzora jaitsiko zen, baina ez zen gustura ibiliko. Badaezpada ez zen lagunekin paseatzera aterako. Norbaitek edo batzuek jarraitu egiten zuten; auskalo zer helbururekin eta zer egiteko asmoa izango zuten. Egun hartan, autorik erabili ez zuenez, taxiz jaitsi zen auzora. Gogoz kontra eta segurtasunez geratuko zen etxean. Mikrouhinez desizoztu zuen bakailaoa eta afaldu zuen, frutarekin bukatuz. Beranduago, ohiko orduan deituko zien etxekoei, guraso, seme-alaba eta emazte ohiari. Alfak, Anjel Flores Errazurekin hitz egin behar zuen. Uste zuen Manuk jarraitzen eta zelatatzen zutela jakinen zuela. Kontratatu zuten drogazalea ez zen oso ona izango lan haietan, baina ez zen tontoa eta uste zuen ikertzaileak sumatu zuela. Tamalez gazteak berari deitu zionean berandu zenez alferrik izango zen ezer egiteko eta orduan erne egonen zen madarikatua. Egunen batzuk pasata, zain izanen ez zenean, saiatu eginen ziren zerbait egiten. Flores kartzelatik atera berria zen. Berak, Alfak, ihes egin ahal izan zuen Ameriketara. Bazuen polizien laguna akabatzeko grina handia. Telefonoz bestaldean Floresen ahotsa entzun zuen. –Kaixo, Alfa. Zer berri? –Zaharrak berri. Jarraitu dute eta uste dut konturatu dela. –Orduan momentuz ez dugu ezer egingo. Lasaitzen denean egingo diogu merezi duena. –Anjel, ezin dut gehiago aguantatu. Bi urte ezin txarragoak pasa ditut mendekatzeko gogoz... –Alfa, zuk adina gogo daukat nik. On Mariok erran dit bere mutilak gaur-biharretan agertuko direla. Badu jende prestatua eta azkenik lortuko dugu. –Ea egia den! Maiatzaren 17a, asteazkena Egun sargoritsua izanen zuten goizetik. Manuk gaizki egin zuen lo. Lo kamutsa izan zen hura. Tarteka erabat esnatzen zen eta zerbait egin nahi ziotelako susmoa ez zitzaion burutik joaten. Bazekien azkenekoak abisuak baino gehiago hiltzeko saiakerak izan zirela, serioski ari zirela hil nahi zutenak. Bai, susmatu egiten zuen etsai bat zegoela saiakeraren atzetik. Filo tartean zebilen, baina bera ez zen nagusia, mandataria edota bitartekaria baizik. Ezin zion ezer galdekatu emakumezko ikertzaile makurrari, Martzilako saiakera izan zenetik desagertu zelako. Ikertzaile pribatu bezala emandako hamar urteetan etsai batzuk egin zituen. Azkenekoetan gaizkile beldurgarri batzuk bidali zituen gartzelara eta beste batzuk eskapatu ziren. Berandu zen, baina lanera abiatu baino lehen Jabier Lopezekin mintzatzen saiatu zen. Telefono partikularra erabiliko zuen. Kasualitatez berehala erantzun zion. Agurrak gurutzatu ondoren zuzen jo zuen harira. Jarraipenaren berria eman zion Jabierri. Foruzain burua laguna zen neurrian kezkatuta zegoen. –Manu, egun batzuetan leku seguru batean egon behar zenuke. –Manuk ezin zuen hura onartu. –Jabier, ezin naiz hiri ezezagun batean erdi gordeta geratu. –Eta zer egin nahi duzu?... Manu, zer egin behar duzu? –Bizitzen jarraitu. Nire lan eta bizitzarekin aurrera egin behar dut. Bai, badakit arriskuan izanda, kontuz ibili behar dudala. Egon lasai. –Orduan... –Pentsatu behar dut zer egin erasorik izanez gero defendatzeko... Ez larritu. Orain lanera joan behar dut. Kezkatzen nautenak seme-alabak eta familiakoak dira. –Nik ere pentsatuko dut nola mantenduko zaituztegun seguru. Aio. Lanera joan baino lehen autoa aztertu zuen. Ezagunaren aparkalekuan utzi zuen autoa eta tentuz hurbildu zen bulegora. Jaker lanean jo eta ke topatu zuen. Ikertzaileak bazekien horrela zegoenean bakean utzi behar zuela. Manu txostenak osatzen aritu zen denbora batez. Jaker mugitzen ari zela nabaritu zuenean harengana hurbildu zen. Egun batzuk kanpoan izan zen gaztea, baina nagusiari asteak izan zirela iruditu zitzaion. Manuk gustura agurtu zuen bere lankide eta laneko semebitxia. Kafe bat prestatu zuten lanean jarraitu baino lehen. Gaztea Berlineko Internet Encounter edo topaketan izan zen Lalarekin. Han ziber-eraso orokor ikaragarriaz aritzeaz gainera, harrigarriki iruzurrez zerbait gehiago jakin zuen. Margo berezi haien iruzurraren berri eta eragina Europa osora zabaldua zen. Margolari inpresionista, espresionista eta postinpresionista abstraktu garrantzitsuen imitazio ezin hobeak azaldu ziren AEBn eta Europako kultur-hirietan. New York, Londres, Paris eta Berlinen hamar bat margolariren hogeita hamar lan berri baino gehiago agertu ziren azken urtean. Berlinen beste hacker batzuek ikertzen zuten iruzurra eta bilera batean elkartuta, lan estuagoa egitea erabaki zuten. Bost hacker talde horiek beste batzuen laguntzaz zerbait lortuko zuten hain ongi antolatutako iruzur internazional horren kontra. Manuk azkeneko ikerketen berri eman ondoren, Jakerrek kontatu zion berari Paris eta Berlineko arte merkatari eta hackerrek iruzurtien tailer nagusia “Basque Country”-n zegoela esan ziotela. Interneteko web sakonean egiten ziren lan horien salmenta batzuk eta artista iruzurtiak bertan kokatu zituzten. Jakerrek eta Manuk hurrengo urratsak zehazten aritu ziren. Manuk oso garbi ez bazuen ere, lotu egin zuen informazio berria bertan egiten zutenarekin. –Horrek guztiak gure iruzurtiarengana garamatza. Txomin Barbarin iruzur-probekin harrapatu behar dugu. –Nola ordea? –Kontatu dizudanez Maria Irisarren laguntza lortuz gero Txomin Barbarinen komunikazio eta korreoetarako sarrera erraztuko digu. Jaker, Troiano edo antzeko baten bidez korreoa hackeatu ahal izango diogu eta telefonoa ere bai. –Manu, ez duzu mundu digitalean asko egiten, baina ideia ona iruditzen zait. Maria Irisarrirekin harremanetan jarriko naiz behin Lorentxorekin dena ongi dagoela egiaztatu ondoren. Bi ikertzaileak Gorkarekin eta Lorentxorekin harremanetan jarri ziren orduan. Lorentxo, berri txarrak ematen hasi zen. Mariak berak zerbait egiteko prest zegoela erran zion Lorentxori, baina hasieratik ikertzen aritu zirela susmatu zuenean, erabilita sentitu eta haserretu zen. Lorentxo azalpenak ematen ahalegindu zen, baina emakumeak alde egin zuenean ez zion ongi desenkusatzen utzi. Gizon gaztea lur jota zegoen, laguna ez ezik bere bizitzako emakumea galdu zuela uste baituen. Hala ere, handik ordu batera emakumeak berak deitu zion Lorentxori eta erran zion ulertzen zuela, sentitzen zuela eta laguntza osoa emanen ziela. Gauzak argituta, Manuk Mariarekin hitz egin zuen eta Jakerrekin lan egiteko plana adierazi zion. Jakerrek berak kontatu zion nola egingo zuten zehatz-mehatz. Eguerdia zen eta arratsaldean lanean jarraitu bitartean bi ikertzaileak etxera joan ziren bazkaltzera eta atseden hartzera. Arratsaldean sargoria nabariagoa zen eta kostatu zitzaien zentratzea. Lanean jarraitu zutenean Jakerrek Txomin Barbarinez gehiago jakin zuen. Bere korreo elektronikoak irakurri ahal izan zituen, baina igorlea TOR sistemaren atzean ezkutuan zen. Dena den, bazekiten non eta noiz geratuko ziren Txomin eta arte-merkatari iruzurgileak. Horren arabera bazekiten ortzirale arratsalde hartan Iruñean elkar topatuko zutela. Telefonoa klonatuta eta deiak entzun eta grabatu eginen zituzten epaile baten baimenarekin, margo-lanak faltsuak zirela eta merkatuan kokatu nahi zituztela probatzeko. Jabier Lopezekin hitz egin zuen Manuk. Komisarioak zoriondu zien egindako lana. Horiek ziren planak eta asmoak, baina arazorik handiena zen gaizkileen burua salbu geldituko zela. Manu pozik baina nekatuta zegoen. Bazirudien dena bide onetik zihoala. Auzora heldu zenean lagunekin elkartu zen. Aurretik errana zien ez zela haiekin ibiltzera joanen, baina garagardo bat eta merienda hartuko zuten elkarrekin. Patxik bere ibileren arrazoiaz galdetu zion. –Zer gertatzen da, Manu? Zergatik ez zara gurekin elkartzen ibiltzera? Azken aldiko jarraipenak benetako mehatxu bihurtu dira, ezta? –Bai. Ezin dizuet gauza handirik kontatu, baina nire atzetik dabiltza –Felixek jarraitu zuen. –Ez duzu guretzako arriskurik nahi, baina laguntzarik behar baduzu, eskatu. –Ez. Beno, badakit zuen laguntza izan ahal dudala, baina ez da beharrezkoa. –Seme-alabak salbu al daude? –izan zen Joxeren galdera kitzikatzailea. –Hala uste dut. Jabier Lopezek ez dit erran baina badakit beraien zaintza antolatu duela. Edonola ere, saihestu behar dut arriskurik txikiena. Zuek, Joxe eta Patxi lagunduko al didazue asteburuan seme-alabekin? Lagunek baiezko erantzuna eman zioten. Merienda-afarian beste gai batzuk izan zituzten, baina Manuk ezin zuen arriskuaren gaia ahaztu. Handik gutxira etxeratu zenean familiako guztiekin mintzatzen pasa zuen egunaren bukaera. Lotarako pilulak erabiliko zituen, bestela ez zuen loak hartuko edo oso gaizki eginen zuen. 12. Manu arrisku eta etorkizunaren aurrean Maiatzaren 18a, ortzeguna Goiz euritsua zen, baina atertuko zuen. Tenperaturak jaitsi ziren eta behingoz ez zuten bero-sapa jasan beharko. Nafarroako banderaren defentsarako manifestazioaz ari ziren berriemaileak. Ekainaren 3rako edo izanen zen mobilizazioa eta erregionalistek eta talde eskuindar askok egiten zuten deia. Gobernua sostengatzen zutenek harriduraz hartu zuten aldarrikapena. Eguna aprobetxatzeko goiz hasi zen gauzak egiten. Pilulei esker lo sakon eta jarraia egin zuen aspaldiko partez. Ongi gosaldutakoan dendan erosketak egin eta lanera joateko prestatu zen. Garajea ongi miatu zuen, baita motorra eta autoa ere. Dena ongi zegoen eta motorrean mugitzea erabaki zuen. Jarraipenetarako ekipoa motorreko alforjetan sartu zuen eta Iruña erdialdeko aparkaleku batean utzi zuen makina. Bulegora heldu ondoren kafe bat prestatu zuen. Gustura egin zuen lo, baina orduko ez zituen lorratzak kendu. Kafea bukatuta mahaiaren gaineko gauzak ordenatzen ari zenean Jaker agertu zen. Kasuan egindako aurrerapenak errepasatu zituzten. Jakerrek jarraitu behar zituen Txominen komunikazioak ortziraleko hitz-ordua ziurtatzeko. Gaztea bere bulegora mugitu zen gizon heldua lanean uzteko. Manu lanean zentratzen ari zenean, Lorentxok azkeneko berriak eman zizkion. Lehenik Mariak kontatu zion Txomin arraro jokatzen ari zela. Iruzurgilea gaixorik zegoelako aitzakian herrian geratu zen. Mariak uste zuen Txominek zerbait susmatzen zuela edo behintzat kontu handiz ibiltzen ari zela. Besterik gabe berrien zain agurtu zuen Lorentxok. Ordu bat pasa ondoren Jaker hurbildu zitzaion Manuri. Txomin ez zegoen susmoak hartuta. Telefonoz eta mezuz bere konfiantzazko bi laguni adierazi zien herrian gordeta egonen zela arte-lan handi bat egin behar zuelako eta lan asko pilatu zitzaiolako egun pare batean. Beraz, iruzurrezko margoak bukatzen ibili behar zuen. Hurrengo eguneko hitz-ordua ere jakin zuen. Arratsaldeko seietan geratu ziren Iruñeko hotel batean. Ikertzaileak ordu batzuetan ibili ziren lanean. Nork bere gauzak antolatzen eta eguneratzen ibili ziren. Biek gustura egiten zuten lan. Norberaren ikuspuntua eta lan-ildoa besteak onartzen zuenez, elkarrekin ongi konpontzen ziren. Gainera, Jakerrek enpresen segurtasun informatikoa zuen lanik nagusiena eta Manuk alderdi burokratikoa eta kasuen zuzendaritza. Ikertzaile helduak pentsatzen zuen lan hura utziz gero, bere lan-eremua kudeatzen Lalak ongi beteko zuela. Hura bai emakume argia! Eguerdian bazkaltzera joan baino lehen Manuk aprobetxatu zuen laguntzailearekin etorkizunaz hitz egiteko. –Sam, ziur al zaude ez duzula arazorik izango Lalarekin lan egiteko? –Gazteak harriduraz begiratu zion lankide zaharrari. –Horrek erran nahi du gu uztea benetan pentsatzen ari zarela! Ez zenuke horrelako arazorik adieraziko gurekin jarraitzeko asmoa izanen bazenu. Hain bateraezinak al dira zure bizitza pribatua eta lana? –Bai. Nire familiaren segurtasuna kolokan jartzen dut behin eta berriro. Udaltzaingoan lanpostu burokratikoa eskainiko omen didatenez ez nuke gaizkileekin eta kaleko arriskuekin arazorik izango. –Horrela bizimodu erosoagoa izanen zenuke, baina Mirenekin bizitzea lortuko al duzu? –Ez dakit. Behinik behin ez dut familia hainbesteko arriskutan jarriko. Alde pertsonaletik ez dakit Mirenekin itzuliko naizen. –Onena opa dizut, Manu. Hala ere, espero dut zure laguntza mantentzea... Bide batez erran behar dizut ez dudala ulertzen Lala eta nire artekoaz zalantzak izatea. Zer da gustatzen ez zaizuna, gure harreman pertsonala ala alde profesionala? –Bi harreman motak batera eraman ahal izatea da nire zalantza. Zu independenteegia zara eta une honetan Lalarekin ongi konpontzeak ez du erran nahi beti horrela izango denik. Zer gertatuko da haserretzen bazarete? –Ez dakit. Lana eta harremana ongi bereizi behar ditugu, bai. Dena den, uste dut ez dugula arazo gehiegirik izango. –Zergatik? –Lala edonola ere maitagarria eta zentzuduna delako... eta ongi daki ni eramaten. Ez izan kezkarik, Manu. Denbora batez laguntzen badiguzu ongi ibiliko gara. Noiz utziko gaituzu? –Geldi, Jaker. Behin behineko komunikazio ez-ofiziala egin didate, baina oraindik ez da gauza ziurra. Hurrengo hilabeteetan, agian hemendik lauzpabost hilabetera gauzatuko litzateke lan aldaketa eta bitartean baita Lala honetan sartzea ere. Ikertzaileak ez zekien zer gertatuko zen bere bizitzan, aldatu behar zuela baizik. Jakerrek lagundu zuen motorreraino. Familiakoek izan ezik, mundu guztiak susmatzen zuen Manu jarraitzen zutela. Edonola ere, Ikertzailea ezin zen besterik gabe gordeta eta ezkutuan geratu. Ziur zen aspaldikoak izateaz gainera, bere etsaiek orduko ikerketekin zerikusia izanen zutela, bestela ez zituzten hiltze saiakerak hain jarraian burutuko. Bi aste lehenago autoa manipulatu ziotenez, makina ongi miatuta jaitsi zen auzora. Toki Alain zainzuriak eta untxi estofatua aukeratu zituen. Ez zuen gehiago bazkaldu, baina une batez barran geratu zen Felixekin hitz egin ahal izateko. Ardo gorri freskoa hartu zuen lagunak azkeneko berriak komentatzen zituen bitartean. Drogaz berri gehiago zabaldu zen. Droga gogorrak sartu nahi zituzten mafia berriko morroiek gazte bat larriki jo eta ospitaleratu zuten. Gaueko tabernariek garbi zekiten gertaerak drogarekin zerikusia zuela, mafia harekin. Felixen ezagun tabernari batek aipatu zion droga merkatuan sartzeko, koka, speed eta estasia merke saltzen ari zirela. Felixek bere larritasuna adierazi zion ikertzaile lagunari. –Manu, polizia zerbait egiten ari al da mafia horren kontra? –Ez izan dudarik. Nik dakidanez foruzainak ahal dutena egiten ari dira. –Espero dezagun mafia hori gelditzea. Gure iloba eta bera bezalako gazteak arriskuan daude. Badirudi droga gogorren garaira itzultzen ari garela. Ez dugu heroinaren aipamenik entzun, baina luze gabe nabarituko ditugu droga gogorren ondorioak. –Arrazoi duzu. Droga auzi hau larria da eta bukatu behar da. –Hala izan dadila. Arratsaldean, Lorentxo, Gorka, Jaker, Lara eta Manu elkartu ziren bulegoan. Jaker izan zen bulegoan agertzen lehena. Manu sartu zen ondoren eta Lorentxo eta Gorka minutu gutxitara. Lalak lan-astea bukatzeaz gain ia amaituak zituen ikasketak. Neska, ederra, atsegina, ona eta argia zen. Agertu zenean alaitasuna erakutsi zuen. Bere aurpegi beltzaranak irribarre argi batekin oparitu zien. Lan bat eta azkenetako azterketa falta zitzaizkion Kriminologiako Gradua erabat bukatzeko eta desiratzen zegoen beraiekin lan egiteko. Txominen atxiloketa bera hurrengo egunean gauzatuko zuten foruzainen laguntzaz eta Jabier Lopezekin koordinatuko zuten goizean, baina kasuaren inteligentzia beraiek burutuko zuten. Lorentxok eta Gorkak, azken informazioa edo bestela erranda Michaellek eta Mariak jakin zutena adierazi zuten. Michaelle asko mugitu zen Txominen familia eta lagunen inguruan, bereziki margolarien artean ikertu zuen eta jakin zuen iruzurraren kontuan kanpotarrekin baino ez zuela harremanik. Gorkak bere lagunak ikertutakoa adierazi ondoren, Lorentxok kontatu zizkien azken orduetan Maria Irisarriren ibileraren ondorioak. Mariak lagun kezkatuarena eginez deitu zion artistari. Bere gordelekura joateko modua bilatu zuen alferrik. Txominek zioenez gaixoaldia gainditzen ari zen, lasaitasuna behar zuen eta bi egunetan lanera eta pintura tailerrera itzuliko zen. Gauza bat zuten garbi: gizona ez zen bere ezkutuko tailerretik aterako. Margo lan nagusi eta ezezagun on batzuk agertuko ziren denbora gutxian arte munduan. Poliziarekin segada antolatu arte ez zuten besterik egiterik. Lala izan zen sor zitekeen arazoa adierazi zuena. –Primeran! Eta gaizkile sareak eta parte hartzen duen mafiak ez dute ezer eginen! Ez al dute beraien lana eta margolaria babestuko? –Ez zuen haserre adierazi, baina denak konturatu ziren oso arinki aritu zirela eta ez zuela aukera hori inork kontuan izan. Jakerrek jarraitu zuen bere iritzia ematen. –Bai. Kontuan hartu behar dugu beren lana babestu nahiko dutela, baina ez dakit. Txominen komunikazioetan behintzat ez da sumatzen inongo behaketa edo zelatatze ekintzarik –Manuk bere iritzia eman zuen. –Ongi da. Dena da posible, baina ziurrenez gaizkileek ez dute arazorik aurreikusi Txominen faltsutze lanak egin bitartean. Dena den, hemendik aurrera kontu handiagoz jokatu behar dugu eta kontraespioitza kontuan hartu. Poliziei adierazi behar diogu kontuz ibiltzeko. –Eskerrak hemen norbaitek pentsatzen dakien! –izan zen Gorkaren komentarioa. –Bai horixe! –aipatu zuen Lalak irribarrez. –Zu zara argiena! Zu bezalako gehiago behar genuke –komentatu zuen Manuk. –Et, et, et, lagun. Lalak badu bere zalduna eta ni neu naiz –izan zen Jakerren ateraldia. Txomin gehiago kontrolatu behar zuten inor konturatu gabe. Jakerrek aipatu zuen Txominen etxe inguruak satelitez zelatatu ahal zituztela argazkiak eginez. Ezin zuten Garesen zaintza zerbitzurik jarri, Txominek edo jendeak nabarituko zutelako. Txominen tailerraren kokapena segurtatuta, bera eta iruzurgileak elkartokian harrapatu behar zituzten egindako lan faltsuekin. Gaizkile-sarea desegin behar zuten. Edonola ere, Txominen telefono-solasaldi batean nagusi baten izena aipatu zuen arte-iruzurgile taldeko batek. On Mario izena aipatu zuen moduagatik, haien agintari bat izanen zen. Berriro topaketari buruzko aipamena egin zuten. Hurrengo eguneko topaketa baieztatu zuten. Lanak prest ziren eta trukean ordaintzeko dirua eman behar zioten artistari: milioi bat euro. Bilera bukatzen ari zirela, detektibeek une batean droga-zabaltzea eta sare berriaren agerpenari buruzko berriak aipatu zituzten. Lalak kontatu zien Donostian ere droga gogorrak zabaltzen ari zirela. Inguruko hiri guztietan Mafia gogor berri bat droga merkeak sartzen ari zen gaueko giroko tokietan. Mafia internazional batek inposatu nahi zuen bere agintea han eta Europako lurralde zabal batean. Denek utzi zuten bulegoa. Lalak eta Jakerrek bazuten hitzordua lagun batzuekin. Lorentxo eta Gorka zerbait hartzera joango ziren, ondoren tailerretik pasatzeko eta beraien lagun artistekin egoteko. Manu kontu handiz ibili zen auzora itzultzeko. Berriro geratuko zen lagunekin ibilaldia egin gabe. Nolanahi ere, haiek atera baino lehen une batez hizketan aritzeko aukera izan zuen. Ondoren, etxera mugitu zen. Etxekoengana ere ezin zen joan, segurtasun arrazoi berberengatik. Hitz egiteko beharrak eraginda, gurasoekin mintzatu zen. Ongi zeuden biak eta igandean bazkaltzeko geratu ziren. Alaba eta semearekin ere hitz egin zuen segidan. Ezin izan zien astebururako ezer hitz eman. Ez zekien ortzirale gauean zer egingo zuen eta susmatzen zuen larunbatean egitekoak izanen zituela, baina maite zituenekin ez elkartzeko benetako arrazoia segurtasun falta zen. Beldurrak jota zegoen. Gainean sumatzen zituen bere etsaiak. Nola edo hala itxurak egin zituen eta hurrengo igandeko bazkarirako geratu ziren. Hala ere, ezin izan zuen Miren engainatu. –Manu, zer duzu? Oraingoan ez da lanagatik ezin zarela zure seme-alabekin elkartu. Zer gertatzen ari da? –Lan kontuak ditut asteburuan. Kasu larri bat zuzentzen ari gara eta espero dugu behingoz amaitzea. –Eta zer gehiago? Zu ez zara horrelakoa. Zerbait ezkutatzen ari zara. Foruzain batzuk nabaritu ditut gure zaintza egiten. Arriskuan al zaude? –Erran dizut. Kasuarekin edo dauka zerikusia. –Manuk ezin izan zuen luzaro isildu. Noizbait kontatu egin behar zion–. Hitz ematen dizut gauzak konponduko ditudala eta denbora laburrean lan seguruago eta lasaiago bat lortuko dudala. Hemendik gutxira kasu gehiago eginen dizuet. –Mirenek ulertu zuen. –Hala izan dadila. Kontuz ibili, Manu. Gizonak zerbait ahoratu, liburu bat hartu eta loak hartuko zuen suertea izanez gero. Arratsalde hartan, ordu batzuk lehenago, Alfa “morroi” batekin ari zen hizketan. Gizonari pertsona batzuk zelatatzea agindu zioten eta begiratze horren berri eman behar zion lana ematen zion nagusietako hari. Alfak pertsona pijoa eta aberatsa zirudien, baina era berean hotza eta gogorra zen eta gazteak errespetuz hitz egin zion. –Bi egunetan ibili naiz familia hori zelatatzen eta ez dut hurbiltzeko modu onik aurkitu. Foruzainek zaintzen dituzte eta ezin da lasai gerturatu eta ezer egin. Alaba eta semea bereziki estuki babesten dituzte, bakoitzari zaintza jarriz. Goizetik gaua bitartean egun osoan, txandak eginez jarraitzen dituzte... –Emakumeak urduritasuna erakutsi zuen. –Aizu, ez hasi negarrez. Beno, ez duzu umeengana hurbiltzeko aukerarik sumatu. Zer diozu emakumeari buruz? –Umeen ama ere zaintzen dute, ez hain estuki, baina berari ere zerbait egitea zaila izan daiteke segurtasunez egin nahi izanez gero. Etxekoak egoten ez direnean ere kontrolatzen dute etxea. Jarraipenak aparte, foruzainak teknologia erabiltzen ari dira zaintza egiteko. Horregatik ibili naiz tentuz. Nik ez nieke ezer egingo, oraingoz behintzat. –Eta gurasoak? –Gezurra dirudi, baina haiek ere neurri batean zaintzen dituzte. Inoiz ez dut pertsona baten familia zaintzen horrenbeste errekurtso erabiltzea ikusi. Kontua da, arriskuan daudela erranen baliete, ez luketela hainbeste neurri hartu beharko. Ez dut ulertzen... –Aski da... Utzi familiakoen segimendua. Goazen orain taberna horretara. Emakumea eta morroi hura Manuren lagunen biltokia zen tabernara hurbildu ziren. Leihoetan gortinak baziren ere, kanpotik barnealdeko giroa, jendea eta baita zarata ere sumatzen zen. Alfak ez zion besteari galdetu, buruarekin keinu aginzale bat baizik. Gizonak ederki ulertu zuen dena kontatu behar ziola. –Ez haserretu. Elkano jauna eta lagunak tabernan elkartzen dira arratsaldero arin ibiltzera abiatu baino lehen eta bueltatu ondoren. Ikerlaria azken egunetan ez da beraiekin atera. Nik ez dut ezer egin susmagarri ez gertatzeko, baina garbi dago zelatatzen ari garela nabaritu edo igarri duela. Kontu handiz ibiltzen da kaletik. Garajean eta etxean sartzeko edo ateratzeko dena kontrolatzen du. Beste zelatariak ere berdin ikusi du. Duela gutxi lagunak ibiltzera atera direnean bera etxera abiatu da. –Ez duzu zaindaririk aipatu... Zure hitzetan susmoz eta arretaz ibiltzen da. Ez al du zaindaririk, foruzainik edo beste lagunik? –Ez. –Gizon batzuen eraso bidez harrapatu eta bahitu ahalko litzateke orduan? –Ezustean harrapatuz gero, bai. Hala ere, ziur ibiltzeko neurriak hartzen ditu. –Ados. Utzi zelatatzea. Bihar deituko dizut. Alfak Manuren jokaera eta egoera hausnartu zuen. Ikertzaileak familia zaintzapean zuen foruzainen laguntzaz, baina berak ez zuen ezer berezirik egiten. Behin baino gehiagotan saihestu zituen saiakerak, oinarrizko betiko neurriak hartuta, baina ezin izanen zuen deus egin ongi prestatutako segada baten aurka. Ezin izango zuen saihestu. Emakumeak zaila ikusten zuen Manu bere auzoan harrapatzea, baina Iruñean ezezagun artean zerbait egin ahalko zuten. Aparkaleku pribatuaren ondoan edo bulegotik hurbil saiatzen ahal ziren. Ordu bat beranduago, Alfa, Anjel Flores eta Filo elkartu ziren hiriko pisu batean. Kartzelatik atera berritan Anjelek debekatuta zuen abokatu lanetan aritzea eta eskaini zioten lana hartu behar izan zuen. Elkano ikertzaileak eta Lopez komisarioak harrapatu zuten bera gaizkileentzako lan zikinetan nahasita egoteagatik. Berak begitan hartu zuen Manu, baina nahiago izango zuen dena ahaztu eta beste leku eta lan batean izateko aukera izan balu. Alfak bai. Berak akatu nahi zuen gizona, nahiz eta bera kartzelatik libratu eta diruduna izaki bizitza ona edonon izan ahal zuen. Filok afera hartan sartzeko arrazoia diruaz aparte ez zen hain garbia. Alfa ez zegoen oso gustura eta Manurekin egin beharrekoa zehaztu eta burutu nahi zuen lehenbailehen. 13. Arte-iruzurraren kontrako sarekada Maiatzaren 19a, ortziralea Egun berezia izango zen. Ostarteak ikusten ziren goizean, baina tenperaturak ez omen ziren 17 gradutik pasatuko eta euria egiten ahal zuen. Manu eta Jaker, Foruzaingoko egoitzan sartu baino lehen, ondoko taberna batean kafe bat hartu zuten. Bazuten arratsaldeko atxiloketa prestatzeko beharra. Lala, Lorentxo eta Gorka beranduago agertuko ziren. Foruzaingoak aseguratuko zituen atxiloketak, Txomin eta bere gaizkideena hasteko, baina badaezpada ikertzaile pribatu taldeko partaideek bazuten arte-martxanten enkargua. Beraiek egiaztatu behar zuten artelan faltsu guztiak eta materialak ez zirela galduko. Ikertzaileak komisarioaren bulegora sartu zirenean honek arbel batean marraztua zuen atxiloketaren deskribaketa. Bi taldek aztertuko zituzten herriko etxea eta Txominen pisua. Hirugarren talde batek, komisarioa buru, handik gertu aseguratuko zuen atxiloketa. Komisarioak agurtu eta eserarazi zituen ikertzaileak. Agurra erantzun ondoren, Manuk arbeleko eskemari begira galdetu zion foruzain-buruari. –Jabier, ikusten dut atxiloketak eta miaketak antolatu dituzuela. Gu, ordea, ez gara agertu. Ez dut nabari eskeman gure parte-hartzerik. –Bai, hala da. Arbelean atxiloketa eta miaketen eskema ikusten da. Zuen parte-hartzea falta da eta behar bezala antolatu behar dugu. Zuek helburuak aseguratzen lagunduko diguzue. Gu gara zenbakia, zuek, berriz, lanaren helburua eta kalitatea segurtatuko dituzue. Guk ez dakigu arte kontu horretaz gauza handirik. Manu, ba al duzue esatekorik? –Bai. Lorentxok bere lagun Mariarekin Gareseko etxeko miaketan hartuko dute parte eta Gorkak Michellerekin Iruñeko pisuan. Tailerrean ez dut uste ezer topatuko dugunik. Horretaz gain guk biok, Lalak eta Elenak zure ondoan egon nahi dugu galdeketetan laguntzeko. Gure partez ez dago besterik. –Ongi da. Dena den, galdeketetan zuk bakarrik hartuko duzu parte zuzenean, besteok ispiluen atzetik jarraituko dute galdeketa. Orain urrats guztiak errepasatu nahi ditut zuekin. Hurrengo orduan lanean aritu ziren hirurak. Jakerrek segizio teknologikoak ziurtatuko zituen. Jabier Lopezek arratsaldeko miaketen antolaketa errepasatu eta atxiloketarako beharrezko logistika ziurtatuko zuen. Manuk, bere taldeko laguntzaileen jarduerak zehaztu eta gidatuko zituen. Dena den, Jabier Lopezek, nahi gabe ere, gogoratu egin zion ikertzaile lagunari nork aginduko zuen. –Manu, gogora ezazu ondoko tabernan gu hirurok eta Ramon Zudaire egongo garela, Lala eta Elena hurbil, baina leku seguruan. Foruzain talderik hoberena kaleko arroparekin prest egonen da inguruan. –Bai. Mila esker gogoratzeagatik. Garrantzitsuena gaizkileak tranpan erortzea eta ihes ez egitea da. Zuek eginen duzue lanik gehiena eta aseguratuko duzue, baina kontuz...! Talderik txiripitiflautikoena izanda ere, Txominek eta on Mario horrek nabaritzen bazaituztete, alferrik izanen da. Ordua heldu arte, segada itxi arte handik hiru kaletara egon behar dute ongi banatuta prest. Ez da kritika, aukera galtzeko beldurra baizik. –Horixe da gauzak argi uztea –izan zen komisarioaren erantzuna. Handik gutxira, miaketa eta atxiloketako alderdi guztiak zehaztuta, banatu ziren ekintza gauzatu arte. Jaker eta Manu bulegora itzuli ziren denboralditxo batez dena behar bezala uzteko eta ekipoak hartzeko. Arratsaldean zuzunean joango ziren tabernara. Bitartean, Etsaia, on Mario, luxuzko etxe batean, Alfa eta Anjel Floresekin mintzatzen ari zen. Alfak, Manu eta familiaren behaketaren ondorioak azaldu zizkion nagusiari. Aukera guztiak aztertu nahi zituen nagusiak eta edozeren gainetik Manu harrapatuko zutelako ziurtasuna izan. –Filok zelatatzeko eta ikertzeko oraindik lagundu ahal digu, baina honezkero ez dut uste Manu berarekin fidatzen denik. Une honetan bai zuek bai bera ere ezin zarete harengana hurbildu ezagutzen zaituztelako eta fidatzen ez delako. Alfa, zuk ezagutzen dituzun morroiak onak dira segizioak egiteko, ez beste batzuek bezala, baina ekintza berezietarako norbait behar dugu eta ez naiz gure lan arruntetarako mutilez mintzatzen ari. Horiek gehienez indarrezko operazio baterako edo segadarako balio dute. Zuek nor erabiliko zenukete Manurengana hurbiltzeko? –Anjelek erantzun zion. –Bada emakume erakargarri bat Manu harrapatzeko desiratzen ari dena. Martak edozein erakarriko luke... –Alfa haserretu zen eta adierazi zuen arrazoia. –Zu lelotuta zaude. Marta? Ez al zenekien behin Manu harrapatzeko erabili zutela? Marta erakargarria izango da, baina Manu ez zen beraren tranpan erori, Filorenean erori ez den bezala. Anjel, utzi lelokeriak. Manu Elkano ezustean harrapatu behar dugu. Nagusi, nik uste dut, erran dizudan bezala, Iruñeko garajean harrapa dezakegula –Etsaiak isilarazi zituen. –Aski da. Eman itzazue ideia egingarriak edo bestela garbi utzi zein ideia eta plan baztertu behar ditugun. –Autoz harrapatzeko ahalegina egin dugu. Orain ez dugu etxerako bidean ezustean topatuko –izan zen Alfaren komentarioa. Anjelek ere jarraitu zuen. –Autoaren bidean orratz batekin pozoi dezakegu; bestela, autoa manipulatu edo aparkalekuan lehergailua jarri... –Etsaiak moztu zion. –Nik nahiago nuke bahituko bagenu. Hartara, aukera izango genuke gure eskutan izateko. Gizon horrek larrutik ordainduko du nire gauzetan sartu izana –izan zen Etsaiaren sententzia. Alfak berdin pentsatzen zuen. –Nola edo hala harrapatu eta hil egingo dugu asko sufriaraziz. Eguerdian detektibea Arrotxapeara jaitsi zen tentuz, betiko neurriak hartuta. Garajetik ateratzean familiako betiko auzokidea zen Mariarekin egin zuen topo. –Kaixo Manu, aspaldiko. Zer moduz zaude? –Ongi erran behar. “Landalan” beti eta presaka, denbora librerik gabe. Asteburuetan ezin gara nahi bezala lasai ibili. Eta zuek nola zaudete? –Oskar eta biok ongi eta gure alabak ere bai... Aizu Manu, barkatu baina ez zaitugu aspaldi honetan pisutik pasatzen ikusi. –Maria gurasoen laguna zen. Konfiantza osokoa eta aitarekin batera pisu haietan euskaldun peto bakarrenetako bat. Horregatik zeukaten familia-tratua eta elkar maite zuten. –Lehen erran dizut. Lanpetuta nabil eta... –Lasai mutiko. Hala bada, hala bedi, baina gehiago egon behar zenuke familiakoekin. Lastima da lanagatik zuek, Miren eta biok, bananduta ibiltzea. Haurrekin ikusi zaitut askotan, baina... badakizu, zuek zoriontsu ikusi nahiko zintuztegun. Barkatu zuen bizitzan sartzeagatik, Manu. –Ez da bekatu, Maria. Badakizu nahi izatea ez dela beti ahal izatea! –Hala da. Ongi ibili Manu. Etxean arinki bazkaldu eta lo-kuluxka egin zuen. Ongi, deskantsatuta eta lanerako prest egon behar zuen. Arratsaldean, Manu eta Jaker, komisarioarekin eta Ramon Zudaire inspektorearekin elkartu ziren kafetegi baten barnealdean, egin behar zuten operazioratik hurbil. Atxiloketa gauzatuko zuten foruzainek ez zuten uniformerik. Behin eginda, uniformedunak eta auto-furgonetak agertuko ziren. Ikertzaileek eta foruzain-buruek Txominen jarraipena egin zuten GPSaren seinalea ordenagailuko plano gainean jarraituz. Garaiz zetorren hitzordurako. Ordua baino 30 minutu lehenago lur-azpiko aparkalekuan utzi zuen autoa. Handik aurrera telefonoaren seinaleak hoteleko kafetegiaren inguruan itzuli lasaia egiten ari zela ikusi ahal izan zuten. Ziurrenez, inguruak ikuskatzen ari zen inork zelatan izan edota harrapa ez zitzan. Arratsaldeko seiak izateko bost minutu falta zirenean kafetegian sartu zen. Orduantxe kontuz mugitzeko agindua eman zuen komisarioak. Bi foruzain buruak eta ikertzaileak ere ondoko taberna hartatik kamara batetik jarraitu zuten momentua. Txomin, mahai diskretu batean eseri zen. Gizonak musika tresna luze baterako motxila zeraman eta ondoan utzi zuen. Kamareroari kafe bat eskatu eta berehala gizon zahar bat hurbildu zitzaion. Iruzurtiaren telefonotik entzun ahal izan zuten solasa. –Kaixo Alfredo, ez al da on Mario agertuko? –Ez. Arratsalde on Txomin. Nagusia zure lanen zain dago. Zuk egindako artelanen ordainetan dirutza irabazi duzu. Poltsan duzu saria. Une hartan Komisarioaren agindua entzun bezain laster kaleko jantziez lau foruzain hurbildu eta gaineratu zitzaizkien solastunei, geldiaraziz eta miatuz. Emakume batek ozenki eta garbi hitz egin zien atxilotuei. –Foruzainak gara. Atxilotuta zaudete. Besterik gabe lau foruzainek kafetegi-hotelaren barnealdeko biltegi batera eraman zituzten atxilotuak eta zeramatzaten gauzak. Lehenago hitz egin zuen emakumeak komisarioari deitu zion. –Komisario, Duarte inspektoreordea naiz. Iruzurtia eta mezularia atxilotu ditugu. Musika-tresnetarako motxila handian bost edo sei mihise handi topatu ditut. Arte abstraktuko margoak direla dirudi. –Ongi egina, inspektoreorde. Ingurua ziurtatuko dugu berehala. Zuek gure esperoan geratu. Minutu gutxitan hor izanen gara. Handik gutxira foruzain-burua eta ikertzailea kafetegira sartu ziren. Foruzaingoko furgoiak eta autoak agertu ziren eta foruzainek ingurua aseguratu zuten. Beste inor ez zuten harrapatu. Komisarioak herriko eta pisuko tailerretan egindako miaketen berriak jaso zituen. Bukatutako eta erdizka egindako beste mihise eta material pila bat topatu zuten herrian bereziki. Orduantxe sartu ziren biltegian lehenengo galdeketak egiteko. Duarte inspektoreordeak eman zien korreoaren berri. –Gizon hau Alfredo Pomar da, El Salvadorrekoa eta Iruñean duela zenbait hilabete bizi dena. Bere ohiko bizitokia Kolonbiako Bogota da –erran zuen dokumentu bati begira. Lopez komisarioak galdera bat egin zuen. –Nor da zuen nagusia? Hitz egiten baduzu zigorra arinduko dizugu; bestela oso gogor jokatuko dugu zurekin. –Gizonak ez zuen txintik ere atera. Bere jarreraz ez zuela hitz eginen adierazten zuen. Komisarioaren baimenarekin Manuk egin zuen hurrengo galdera. –Badakigu on Mario dela atzean dagoena. Non gordetzen da? –besteon harridurarako gizonak zerbait erran zuen. –Guk ere badakigu zu zertan zabiltzan. Manu Elkano, ikertzaile sarkina zara. Zureak egin du! Denak harrituta geratu ziren. Bazekiten gizon hark ez zuela ezer gehiago erranen, momentuz behintzat. Zer zekiten gaizkile haiek eta zertan zebiltzan? Manuk pentsatu zuen haiek zirela bere atzetik zebiltzanak eta akabatzen saiatu zirenak. Baina..., saiakerak iruzur-kasuen aurretik ere gertatu ziren. Horrek erran nahi zuen gaizkile haiek bere atzetik aspalditik zebiltzala. Aspaldiko etsaiak zituen haiek. Manuren lagunek izututa begiratu zioten Manuri. Jabier Lopezek kezka adierazi zuen, baina baita erabakimena. –Manu..., jakinen dugu zer dagoen guzti honen atzean. On Mario ez zen agertu. Telefonoz eta korreo elektronikoz aipatzen zuten nagusiaren izena zen. Margolan faltsuak jasotzeko, ordea, gizon zahar bat bidali zuten, ez nagusia espero zuten bezala; nagusiaren konfiantzazko bat baizik. Gizon zaharrak ez zuen besterik adierazi. Aipatu zuena Manurentzako mehatxu bat zen. Ikertzaileek eta foruzainek uste zuten gaizkile iruzurgileek ez zekitela beraiek zelatatzen ari zirela eta haien atzetik zebiltzala, eta hara non, ezustean bitartekari batek Manuri adierazi zion sarkina izateagatik haren berri zuela eta bere lanagatik jo-puntuan zutela. Ez zen gehiegi harritu azken aldian jarraitu eta zenbaitetan erditik kentzen saiatu baitziren. Baina, iruzurgileek zerikusia al zuten aurreko kasuekin? Nor izango zen haren atzetik zebilena? Aspaldian, beste kasu bat ikertzen ari zenean, autoz harrapatzen saiatu ziren. Autoa manipulatu zioten. Aurreko astean Filok segada batera eraman zuen eta tirokatu zuten. Egunetan jarraitzen eta zelatatzen zutela nabaritu zuenetik kontu handiz ibiltzen zen eta familia zaintzeko baimena eman zien foruzainei. On Mario izena ezezaguna zitzaion, baina izan zitekeen azken urteetan bere ikerketekin nahigabetutako gaizkile talde baten burua. 14. Bahiketa Arratsaldeko azken orduetan Manu obsesionatuta zegoen lanarekin eta bat-batean sortutako arriskuarekin. Ordu batez Jabierrekin mintzatzen egon zen. Neurriak hartu behar zituzten, familiakoak seguru izateko eta hurrengo egunetan Manuren jarduna zehazteko. Auzora heldu zenean lagunak abiatuak ziren ibiltzeko eta familiakoekin solastu zen telefonoz. Ongi zeuden, baina ez zuten ulertzen Manu urrun ibili behar izatea. Lagunak itzuli zirenean afaria kanpoan egitea erabaki zuten. Felix lanean utzi ondoren sagardotegira joan ziren afaltzera. Joxe, Patxi eta hirurak, Pablo, Andres eta Xabierrekin afaria egin eta auzoan ibili ziren. Dena den, Manu goiz oheratu zen, hurrengo egunean egitekoak zituen eta. Maiatzaren 20a, larunbata Eguraldiak hobera eginen zuela zioen irratiak. Manuk gogoratu zuen Jabierrekin eztabaidatutako plana. Beldurrak jota zegoen arriskuan baitzen, baina beste erremediorik ez zuen dena konpondu behar bazuen. Animatu zen egun gutxitan modu batean edo bestean bizitza konponduko zuelako. Haginlariarengana joan zen. Lehenengo orduan egon behar zuen han. Heldu orduko erran zioten langelara pasatzeko. Elkar agurtu ondoren lan hartako besaulki batean etzanarazi zuen haginlari umoretsuak. Lan berezi bat egin behar zioten hagin batean. Denbora eskasean abisatu bazioten ere, berehala eman zion Manuri hitzordua. Anestesia txertatu eta berehala eguneko kontuez isildu gabe lana egiten hasi zen torno eta aparatuekin. Lan berezia zen hura eta ordu oso batez akatsik gabeko lana egin zuen profesionalak. Haginak osorik eta osasuntsua ematen zuen, Manuk ispilu bereziaren bidez ikusi ahal izan zuen bezala. Goiz erdian bulegora joan zen lana aurreratzeko. Kasua, neurri handi batean, beraien kontratuari zegokionez behintzat bete zuten. Iruñean ari zen margolanen iruzurtia harrapatu zuten. Foruzainen galdeketen emaitzen esperoan txostenak osatzen aritu zen ikertzaile beteranoa. Jaker ikerketa teknologiko batzuk burutzen ari zen, Lalarekin hainbat lan aztertuz. Manuk, Jabierren deia espero zuenean beste ahots bat entzun zuen. Aurreko asteetan ezagututako diskoteka bateko nagusia zen. Juan Fontan urduri zegoen eta totelka hasi zen erraten bere pisu batean zerbait gertatzen ari zela. Manuk argi kontatzeko eskatu zion. Gizona berriro hasi zen. –Aitona-amonena zen pisua, duela gutxi eman zidaten testamenduan. Jabegoa eskuratu ondoren alokatu nuen eta orain zure laguntza behar dut. –Ea, esadazu non dagoen pisua eta zergatik nahi duzun ikertzea –adierazi zuen lasaitasunez. –Irurtzunen dago eta alokairuan dagoen mutila zer edo zer arraroan ari da. Bizilagun batek bitan adierazi dit pisuan gauza arraroak egiten dituztela. Nik pentsatu dut zuk ikertu eta probak bila ditzakezula, nik handik erauzi ahal izateko. Asteburuan han egongo da, baina astelehen goizean lanera joango denez, zuk lan egin dezakezu –erran zuen lasaiago. Hala ere, Manu nekatzen ari zen. Ez zuen ikerketaren beharra ikusten. –Ez al duzu berarekin hitz egin? –Saiatu naiz, baina badirudi ez duela nahi. Badakit zerbait arraroa ezkutatzen duela. Mesedez lagun iezadazu. –Beno, astelehenean begiratzera joan gaitezke. Non dago pisua? –Ardanzeta kalean dago... –Barkatu, bidali helbidea mezu bidez. Hartara, ez zait informazioa ahaztuko eta agertuko da ofizialki zuk eskaera egiten diguzula. Orain beste kasu batean ari gara eta utzi behar zaitut. Handik gutxira, Jabierren deia jaso zuen. –Manu, orain arte ibili gara galdeketak egin nahian eta ez dugu ezer lortu. Alfredo Pomar izeneko gizon zaharrak ez du txintik ere atera. Abokatua eskatu baino ez du egin. Nik uste dut zail dugula ezertan harrapatzea. –Eta Txominek ez al du ezer erran? –Bai. Erran du berak erreprodukzio onak baino ez dituela egiten. Oraingoz ez du hitz egin, baina iruzurretan dabilelako probak ditugu. Mihiseak, margoak eta egindako lanek hala probatzen dute, Elena martxantak baieztatu duenez. Dakien guztia kontatuko digu, baina ez dut uste gauza handirik izanen denik. Ez ziren askoz gehiago mintzatu. Eguerdia zen eta auzora jaitsi nahi zuen bazkaltzera. Kontu handiz jaitsi zen kalera. Karrikapeetan begiratuta gizon bat nabaritu zuen zain. Bestaldera mugitu zen arin, jende pila artean utziz. Itzuli handiagoa egin zuen aparkalekura eta autora joateko, baina hurbiltzean zerbait arraroa nabaritu zuen. Berak segurtasunerako uzten zuen proba ezabatuta zegoen, goizetik norbait han aritu zelako seinale. Badaezpada, lekua utzi, ondoko geltokitik taxia hartu eta Arrotxapeara jaitsi zen. Jabierri deitu zion aparkalekua miatu zezatela eskatzeko. Toki Alain bazkaltzeko asmoz sartu zen. Goiz zenez Felixek eta Gabrielak platerak prest zituzten ia, eta momentuz bazkaltiarrik gabe lasaiago zebiltzan. Umorez ari ziren azkeneko prestaketak egiten. Bat-batean Gabriela komunera mugitu zen arin. –Barkatu, Trump egiteko gogoa dut-eta –Felixek azaldu zion lagunari bromaren zentzua. –Trump hitzak ingelesez erran nahi du puzkar txikia. Gabrielak behin eta berriz erabiltzen du baita ur handiak egin behar dituenean ere... Manu, lana bukatu al duzu? –Hala espero dut. Hala ere, ez dakit zer eginen dudan. Gure lanean edozein momentutan atera behar dugu ziztuan Trump batzuk konpontzera. –Bi lagunek barre egin zuten hitzari eman zioten zabalkuntza semantikoarekin. Orduan agertu zen Gabriela eta senarrak komentatu zion Manuren aipamena. –Manuk espero ez dituen lan desatseginei zabaldu die erabilera. –Arrazoi osoz –izan zen emakumearen komentarioa. Manuk lasai bazkaldu zuen Gabriela eta Felixekin, hauek batzuetan lanagatik mugitu baziren ere. Ondoren ikertzailea etxera mugitu zen atseden hartzeko. Arratsaldean seme-alabak bisitatzera joan zen gizona. Handik ordu batzuetara Hendaiara, Mirenen lagun baten pisura abiatuko ziren gaua eta igandea pasatzera. Alaba eta semearekin denbora batez izan ondoren, haiek autora poltsak eramaten zituzten bitartean Mirenekin solasteko aukera izan zuen. Emazte ohiak kezka eta susmo aurpegia jarri zion. –Ea Manu, zer gertatzen ari da? –Ezer ez. Lanaren arazoak dira. Oraingo ikerketak duda eta hutsune batzuk utzi ditu eta ez dakit kasua erabat bukatutzat eman behar dudan. –Aski da. Ezagutzen zaitut usapal hori! Zer ezkutatzen duzu? –Esaldiak bota bitartean zuzen eta zorrotz begiratu zion gizonari. Segidan jarraitu zuen erretolikarekin. –Zer da hain arraro jartzen zaituena? Zer uste duzu, ez naizela konturatu foruzainak gu zaintzen ari direla? Duela zenbait egun aurpegi batzuk ezagunak egiten zitzaizkidan eta ez ziren gurasoak –izan zen Mirenek luzatu zuena. –Ez izan paranoikoa! –Ez naiz. Zugandik ikasi dut ingurua aztertzen. Zure gurasoak eta baita ni ere zaintzen gaituzte. Zein arriskutan zaude eta gaude? Zertan ari zara? Ez diot Jabier Lopezi galdetu nahi, zuri baizik. –Badaezpadako neurriak dira. Gure inguruan gaizkile batzuk ari dira... –Ea, erran egia! –bota zuen haserre emakumeak. –Egia da... ni zelatatzen ari direla eta badaezpada... –Horrela jarraitu behar al dugu? –Gizonak aurpegi serioa jarriz erantzun zion. –Ez. Berehala bukatuko da hau. Gainera..., erran behar dizut ikertzaile pribatu lana utzi behar dudala. Ez dizut ezer erran azken egunetako kontu ziur-ziurra ez delako, baina Udaltzaingoan, Foruzaingo eta beste poliziekin koordinatzeko lan burokratikoa proposatu didate. Bulegoko lana eginen nuke eta bestela kalean zerbait egiteko beste batek gidatuko luke taldea, inspektoreorde batek, nik telefonoz edo bulegotik aginduko dudan bitartean. –Manu, hori zoragarria litzateke. Ez dakit sinistu behar dudan. Beldurrak, larrialdiak eta urruntasuna bukatuko lirateke... –Bat-batean serioago jarri zen–. Baina Manu, orain arriskuan al zaude? –Ez. Beno..., bai. Baina berehala konponduko dugu. –Ustez konponduko dela ari zara erraten, baina ez zaude ziur. –Nahi duzuna. Egun gutxi barru dena konpondukoa da! Lagunek ezuste atsegina prestatu zioten Manuri. Paseatzeko arazoak zituela ikusita, Joxek auzoko gimnasioan promozioko saio baterako paseak lortu zituen. Hara joan ziren Manu, Patxi, Felix eta laurak. Jende gutxi zebilenez lasai egon ahal izan ziren spining, lema, zinta eta pisuak elkarrekin hurbileko aparatuak erabiliz solasaldia jarraitzen zuten bitartean. Ordu eta erdi bat egin ondoren dutxatu ziren eta Patxiren etxean merienda-afaria antolatu zuten. Lagunek bazekiten kalean ibiltzea, ordu eskas batean aurreko egunean egin zuten bezala ez zela egokia, Manu jarraitua eta behatua izan ahal zenean. Hala ere, gustura egon ziren zerbezak hartzen eta solasten. Une batean Trump-en ateraldiak eta keinu txarrak ere komentatu zituzten, baina pailazokeriez aspertuta eta nazkatuta berehala utzi zuten gaia. Nahi gabe, serio jarri ziren Felix eta Patxi droga kontuak aipatu zituenean. –Alabak erran dit gazteek gramo bat koka euro gutxitan lortzen ahal dutela. Oso berri larriak heltzen ari dira gure ingurura. Nik ez dakit zer egiten ari diren poliziak. –Hori adierazten ari zela, Manuri begiratzen ari zitzaion. Honek ulertu zuen lagunaren galdera isila eta erantzun zion. –Lasai Patxi. Ezin dizut berri zehatzik eman, baina Foruzaingoan behintzat ikertzen eta planak egiten ari dira droga saltzaile sarearekin bukatzeko. Berehala jakinen dugu zerbait –Felixek jarraitu zuen. –Nik dakidanez foruzainak eta poliziak ari dira mugitzen, baina ez dute atxiloketarik egin. Gai kezkagarria ere baztertu zuten, gaua hobeki bukatu behar zutela pentsatuz. Zer egin eta mozkortzea erabaki izan balute bezala gaztetako garaiak eta balentriak gogoratuz denon osasunean edan zuten. Berrogeita hamarretara hurbiltzen ari ziren. Gehienek seme-alaba kozkorrak zituzten, baina orduko gazte eta ilusioz beteta sentitzen ziren. Udarako asmoak ere komentatzen egon ziren. Agur-festa bat zirudien hark. Manuri iruditu zitzaion beraren omenez ospatzen ari zirela. Maiatzaren 21a, igandea Eguraldi ona iragarri zuten. Igande goiz arraroa izan zen. Zazpiak baino lehen esnatu eta gosaldutakoan nahi zuena egiten ahal zuen Manuk. Familia-bazkaria ospatu arte libre zegoen eta ez zuen ezer berezirik egin behar. Bakardadean, bere familia eta bizitzaz pentsatzeko aukera izan zuen. Bere buruaz barre egiteko gogoa ere bazuen. Beti presaka ibiltzera ohituta, ez zekien zer egin bat-bateko goiz librearekin. Pentsatu zuen gustura egonen zela familiarekin, June, Mikel eta Mirenekin. Gogoratzen zituen bost urte lehenago haiekin bizi izaten zituen igande goizak, haurren algara eta poza; jolasak eta emaztearekin zeukan tratu eta hurbiltasuna. Zoriontsua zen orduan, momentuan bizi baino ez zuen egiten. Orduak eman zituen horretaz pentsatzen, etxeko garbiketak egiten zituen bitartean. Lagun guztiek zuten beren bizitza eta igande goizetan beti zuten zer egin, etxeko lanak aparte. Dena den, ikertzailea konturatzen ari zen bere buruaren benetako kezka, lan hark berari eta bere familiakoei sortzen zien arriskua zen. Maite zituenen ziurtasunak eta osotasunak kezkatzen zuten. Lanean egindako etsai batek eragiten ahal zuen istripua zeukan buruan. Manu ezin zen bizi horrelako beldur eta erantzukizunekin. Aldatu nahi zuen egoera eta aukera omen zuen. Baina, lehenik bere burua jarri behar zuen arriskuan. Uneko arrisku handia, betiko bizitza lasaiaren truke. Hiru ordu baino gehiago eman zuen etxean, gora eta behera, dena garbi uzten; garbitutako arropa txukundu eta armairu eta tiraderetan sartzen eta janaria antolatzen. Bat-batean WhatsApp bat jaso zuen. Iñaki zen, New Yorkeko laguna. Berak, urrun egonda eta eguneroko bizitzarekin zerikusia ez zuenez, perspektibarekin eta libreago hitz egiteko aukera ematen zion Manuri. New Yorken goizeko laurak ziren eta mezu bidez galdetu zion Manuri telefonoz hitz egin ahal zuen. Manuk agurtu zuen eta baiezkoa eman zion. Ordutegi arazoa zela-eta, horrela egiten zuten elkarrekin mintzatzeko. Bi lagunek azkeneko berriak eman zizkioten elkarri. Manuk zirikatu zuen laguna. –Iñaki, noiz utziko duzu ezkongabe bizitza desordenatu hori? Noiz itzuliko zara gurera?–Iñakik barre-algara egin zuen. –Zuk lan irregular eta arriskutsu hori uzten duzunean. –Baliteke uztea eta Udaltzaingoan lanpostu lasaia eta erregularra lortzea. –Manu... Zorionak! Baina..., tonuagatik badakit zerbait txarra gertatzen ari dela. –Asmatu duzu. Oraingo lana uzteko arrisku bizian jarri behar dut neure burua. –Inork ez daki zein arriskutsua den ezta? –Gehienek ez, baina Jabier Lopezek eta Jakerrek badakite zein den plana. –Manu, hoberena desio dizut. Baina..., kontuz ibili! Manu lasaiago ibili zen handik aurrera. Behintzat lasaitu ederra hartu zuen lagunarekin mintzatu ondoren. Zein aldakor sentitu zen! Ordu bat lehenago erruki sentitzen zuen bere buruarekiko eta momentu hartan liberatuta eta edozertarako prest zegoen. Berak ahal zuena eginen zuen, gertatuko zena gertatuko zela. Handik ordu parera atera zen. Toki Alain lagunekin elkartuko zen eta ondoren Miren, June eta Mikelekin gurasoenera joanen ziren bazkaltzera. Tabernan Gabriela eta Felix lanean ziren bitartean, Joxe eta Samuelekin elkartu zen. Pote bat hartu zuten beste lagunen esperoan. Beranduago, Patxi eta Ane agertu ziren eta eguerdian Miren, Mikel eta Junerekin bateratsu, Fina eta Bego heldu zirenean raba-anoa ederrak eta edariak eskatu zituzten. Felixek eta Gabrielak, laguntza aprobetxatuz haiekin bat egin zuten une batez. Talde alaia eta zaratatsua osatzen zuten. Andres, Mintxo eta Xabier ere batu zirenean, zirkua muntatu zuten Mintxok ikuskizuna eman zuenean. Hitzaldi batean izanen balitz bezala edalontzian koilaratxo batekin joz arreta eskatu zuen. Gaztelania ederrean hasi zen: –Jaun-andreok gaur egun handia da. Herri batzuk zonalde mistoan sartuko dira. Herri defendatzaileak, gainera, ez du onartu mistotik zonalde ez-euskaldunera sartzea, eskubide galtze bat izanen bailitzateke. Ospatu behar dugu... –Andresek isiltzeko keinua egin zion, baina kasurik egiten ez ziola ikusita eserarazi zuen barkamena eskatzen zuen bitartean. –Barkatu, pixka bat edan du eta iruditzen zaio mundu guztiak jakin behar duela euskara zabaltzearen alde dagoela. –Patxik lasaitasuna berreskuratuko zutela ikusita, aprobetxatu zuen gauzak bere lekuan utziz. –Mintxo, noiztik zaude euskararen alde? Guk euskaraz egiten dugunean, zu urrunean izanda ere, erraten diguzu gaztelaniaz mintzatzeko. Ea hemendik aurrera errespetatzen gaituzun pixka batean. Ez zioten Mintxori erantzuten utzi. Felixek edalontzia altxatuz denon osasunaren aldeko topa egin zuen. Handik gutxira denak mugitzen hasi ziren nor bere etxera bazkaltzera, ohitura zuten bezala. Amonak, June eta Mikeli eskatu zien mahaia eta entsalada atontzeko. Bitartean, Manuk gurasoekin eta Mirenekin une aproposa izan zuen lasai mintzatzeko. Orduantxe Manuk aipatu zien Udaltzaingoak proposatu behar omen ziona. Gurasoak poztu ziren, baina jakin bazekiten une hartan Manuk momentu txarra bizi zuela eta lasai ibiltzeko eskatu zioten. Bazkaria gustura eta umore onez egin zuten. Primeran bazkaldu zuten arroz marinerara goxoa eta solastu ziren beren gogozko planei buruz. Udako planak egiten hasi ziren seme-alabak. Aitona-amonak geratuko ziren, baina abuztuaren hasieran Mikelek Samuelekin egin behar zuen kanpaldi bat eta Junek, Ane, Bego eta Patxirekin bi aste pasatu nahi zituen abuztuan kostaldeko herri batean. Dena den, laurek egun batzuk pasatuko zituzten, Sanferminetako lehenengo egunak bertan izan eta gero, kostaldeko apartamentu edo etxe batean. Lagun-kuadrillako familiakoekin eginen zuten ziurrenez, beste urteetan bezala. Bazkalondo ederraren ondoren aitona-amonari agur erran zieten atseden txikia egin zezaten. Nor bere etxera mugitu ziren lo-kuluxka egitera. Manuk ametsa utzi zuen seme-alabak eta Miren beste pisura eta bera berera joan zirenean. Arratsaldean lagunekin elkartu zen ohiko itzulia egiteko. Lau lagunek ordu bat eman zuten oinezko ibilera bizian eta itzulitakoan merienda eta garagardo bana hartu zuten. Goiz etxeratu ziren aste-egunetarako prestatzeko. Etxera heldutakoan, Manuk dei bat jaso zuen. Amaia zen. Aspaldian ez ziren elkarrekin egon. Azken aldian, lanagatik edo, ez ziren elkartu. Gainera Manuk une hartan ez zuen gogorik maitakeriatan ibiltzeko, ezta hitz egiteko ere. Egiati jokatu zuen gizonak. –Kaixo Amaia, ez zintudan espero telefonoz bada ere. Sentitzen dut zuri kasurik ez egiteagatik, baina oso obsesionatuta egon naiz kasu batekin eta izaten dudan bizimodu honekin... –Lasai Manu, ez desenkusatu. Nik ere oso bolada txarra pasa dut eta ez zaitut bilatu. Aspaldian urrutiratu gara eta garbi dut gurea bukatu dela. Maite zaitut lagun bezala eta espero dut harreman ona izatea. Hala ere..., beste gizon bat ezagutu dut eta uste dut aurrera egingo dugula. –Nola erran duzu? –Entzun duzuna. Gure harremanak ez zuen etorkizunik eta kasualitatez gizon atsegin bat ezagutu dut, kasu handia egiten didana. Benetan gustatzen zait eta uste dut zoriontsu izan ahal garela. Bi egunetan baino ez gara elkarrekin bakarka ibili, baina uste dut onbidean garela. –Barkatu. Ez nuen espero... Bai, arrazoi duzu. Gureak ez zuen etorkizunik. Sentitzen dut minik egin badizut. Nire erruz egon gara aurrera egin gabe. Edonola ere, maite zaitut, badakizu eta... pozten naiz zoriontsu bizi bazara. Denbora luzez egon ziren solasean. Betiko despedida ez bazen ere, biek bazekiten beren maitasun istorioa bukatu zela. Bakoitzak bere bizitzako momentuaz hitz egin zion besteari. Amaiaren lan bizitza bideratuta zegoen eta familia bat osatzea zen bere helburua. Hogeita hamasei urte zituen eta ilusioz begiratzen zion etorkizunari. Manuk, berriz edo alderantziz, bere bizitza berregin nahi zuen atzera bueltan lan arruntagoarekin eta familiarekin itzuliz. Handik gutxira Manu ohera joan zen. Liburu bat eskuetan, loak hartu zuen. Maiatzaren 22a, astelehena Gosaldu bitartean, Manuk entzun egin zituen irratian PSOEko idazkaritzarako hauteskundeen emaitzen berriak. Pedro Sanchezek garaitu zituen hauteskundeak, boto guzien % 50 baino gehiago lortuz. Susana Diezek botoen % 40 lortu zuen eta Patxi Lopezek % 10 bat. Egun beroa izanen zuten. Arin mugitu zen lanera joateko. Autoa miatu eta lagunaren garajean autoa utzita bulegoan sartu zen. Bederatzietarako ordenagailua piztu zuen. Azken kasuaren txostena irekitzen hasi zen. Jaker ez zen orduko agertu eta Juan Mari Fontanek eskatutako ikerketa egitera joan behar zuen. Atera baino lehen Interneten Irurtzungo kalearen kokapena egiaztatu zuen. Berriro autoa miatuta, hara abiatu zen. Irurtzunera helduta, Fontanek errandako tokian, pisuari zegokion argirako kontagailua falta zela konturatu zen. Han zerbait arraroa gertatu zen. Pisuaren atean ez zuen zaratarik sumatu eta sarraila irekitzen minutu eskasa eman zuen. Barnean, susmatu zuena gertatzen ari zen. Berotasuna, airea eta argitasun artifiziala, neurrigabe erabiltzen ari ziren han. Geletan marihuana landare handiak ikusi zituen. Paretak zulatuta zeuden aireztatzeko hodiak eta kableak pasatzeko. Hura Cannabis mintegi bat zen. Bat-batean hiru gizon sartu ziren. Itxura kezkagarria zuten, eskuetan pistolak eramateaz gainera. –Barkatu mutilak, Manu Elkano ikertzaile pribatua naiz eta pisuko nagusiak agindu dit hemen zer gertatzen den ikertzeko. Ikusten dut zer pasatu den. Nik nire txostena eginen dut eta kito –ez zioten jarraitzen utzi. Gizon txiki eta mehar batek, besteak baino zaharragoa eta agintzen zuenak argitu zion egoera. –Et, et, et... Gauzak ez dira hain errazak. Behar ez den kontuetan sartu zara. –Azentu karibearra edo nabari zitzaion. Manu izan zen bestearen jarioa eten zuena. –Ez dut ulertzen. Barkatu, pisuko nagusiaren agindua bete behar nuen. Nik utziko zaituztet zuen kontuekin, baina sentitzen dut landaketa honen berri eman behar dudalako. Hau guztia jasotzea eta desagertzea aholkatzen dizuet. –Isil hadi, ergel hori! –erran zuen meharrak azentua nabarmenduz–. Hemen nik esaten diat zer egin. Manu, hireak egin dik! –Beste bi morroiek besoetatik heldu zioten eta... hura izan zen gogoratu zuen azkena, konortea galdu zuelako. Astelehen goiz erdian, Manu desagertuta zegoenez, berehala erne ibili ziren lankideak. Jaker ordutik aritu zen telefonoz deika. Eguerdirako Jabier Lopez Astiz komisarioarekin hitz egin zuen eta bazkaltzeko orduan agertu ez zenean ospitaleetan galdetu ondoren, ondorioztatu egin zuten desagertuta edo bahituta zegoela. Auzoan lagun eta familiakoei erran zieten Manuk lan berezia zuela eta egun pare batean ez zela agertuko. Mezu eta abisu hura egitea aurreikusita zuten, kasua izanez gero Manuk agindu zien bezala. Manuk aspaldian pentsatuta zuen nola jokatu, bere familiarekin, berari zerbait gertatuz gero. Ez zuen nahi familiakoak eta lagunak larri eta sufritzen ibiltzea: zaurituta izanez gero, informazioan garrantzia gutxitu eta luzapenak ematea eskatu zien Jabierri eta Jakerri. Beranduago, egoera larriaren aurrean, Jakerrek Lorentxori eta Gorkari deitu zien. Gertatzen ari zenaren jakitun, banatu ziren “betiko” lekuetatik badaezpada begiratzera. Jabierrek ere, Ramon Zudairerekin ekintza azkarretarako taldeak ekiteko prest izanen zituen. Orduak pasatu ziren berririk izan gabe. Arratsalde erdian, orduan bat-batean, Jakerrek gogoratu zuen Manuk goizean Irurtzunera joateko asmoa zuela. Gorkak, Lorentxok eta hirurek, Irurtzunerako bidaia egin zuten azkenean. Manuren telefonoak utzitako GPS-seinalearen arrastoaren bidez lortu zuten Manuren azken urratsak Irurtzuneraino jarraitzea. Ikertu beharreko pisura heldu ziren. Pisua deseginda zegoen. Horma zulatuak eta cannabis mintegia izandakoaren arrastoak topatu zituzten. Hostoak lurrean. Ez zegoen zalantzarik. Batzuek argia lapurtuz marihuana-mintegi bat antolatu zuten pisu hartan eta deuseztu berria zuten. Manuk harrapatuko zituen azioan edota dena jasota, ihes egingo zuten. Hala ere, inon ez zen nagusi eta lagunaren arrastorik. Hiru gazteek, inguruko bizilagunei galdetuta ere, ez zuten informazio baliagarririk lortu. Ondoko batzuek aipatu zuten bizilagun berriak ikusi zituztela paketeak kamioi batean sartzen. Ikertzaileak esku hutsik itzuli ziren Iruñera. Edonola ere, arrasto posible guztiak ikertu behar zituzten. Pisuko nagusiak kontatu zien alokatutako bizilagunarekin zerbait arraroa sumatu zuela eta Manu kontratatu zuela. Ordenagailuan Manuk berak adierazita, kasuaren artxiboa eta kontratua aurkitu zituzten. Jakerrek, ahaztu bazitzaion ere, gogoratu egin zuen Manuk gainetik komentatu ziola kasua eta astelehenean pisuan zer gertatzen ari zen begiratu behar zutela. Irurtzungo pisuko marihuana mintegiko gaizkileek laguna bahituta ote zuten ez zekiten. Ez zuten uste gaizkile arrunt haiek besterik gabe Manu desagerrarazi zutenik. Han zerbait larriagoa gertatzen ari zen. Berandu zenez, zerbait afaldu zuten taberna batean. Lorentxo eta Gorka joan zirenean, Jaker bulegora itzuli zen zer egin ez zekiela. Honek azken asteetako gertaerak errepasatu zituen. Dena hasi zen larriki zaurituta eta eraildako prostitutekin. Erakunde batzuen eta hackerron lanari esker geldiarazten ari ziren gaizkileen jarduera. Euskal Herrian eta inguruan ez zen emakume prostituten tratu txar larri, tortura edo snuff eta erailketa gehiagorik gertatu azken egunetan. Dena den, beste leku batzuetan orduan ere antzeko delitu larriak gertatzen ari ziren, Europako mendebaldeko hirietan eta baita Bartzelona eta Madrilen. Bestetik, Interneteko Web Sakoneko orrietan lotura batzuen bidez aurreko sareekin nolabaiteko erlazioan, arte-iruzurraren kasuak zituzten. Edonola ere, azken egunean Jakerrek amu bat jarri zuen Internet Sakonean: milioi asko balio zuten Txominen hiruzpalau iruzur-lan jarri zituen enkantean. Dena lotuta ote zegoen pentsatu zuen gazteak. Manuren bahiketak ere lotura zuen guzti horrekin? Nolanahi ere, edozeren gainetik gaztearen kezka Manuren egoera zen. Berandu zen, baina Jaker, Jabier Lopezekin mintzatu zen ikerketa haietaz eta Manuren bilaketaz. Jabierrek zalantzak azaldu zizkion gazteari. –Jaker, ezin dira Web horien helbideak topatu? –Ez. Internet Sakonean zaila da helbideak topatzea. Deep Web-ean, ezkutukoan, TOR izeneko geruzazko segurtasun sistemak ezkutatzen du abiapuntuaren jatorria. Baina... Manuk kezkatzen nau. –Lasai. Ikusiko duzu abisua bidaliko digula. Zuek eta guk prest egon behar dugu erreskatatzeko. Txarrena azken atentatuarekin poliziak erne egon behar duela –Jakerrek ez zuen ideiarik eta galdetu zion. –Atentatu bat? Noiz? –Duela ordu erdi bat gertatu da. Manchesterren integristek hogei bat haur eta gaztetxo erail dituzte bonba baten bidez kontzertu batean. –Foruzaina eta ikertzailea isilik geratu ziren. Jabierrek agurtzen eta animo pittin bat ematen asmatu zuen. –Tira, Jaker. Bihar izanen dugu Manuren berri. Ikusiko duzu nola berreskuratzen dugun! Hara! Zoaz etxera atseden hartzera. Bihar arte. Alfak bi urte lehenago Nafarroako hauteskundeetan presidentea izateko hautagai bat erditik kendu nahi izan zuen. Hautagai haren etsai politikoa zen eta azkenean hiltzeko saiakera agindu zuen. Hiltzeko saiakeran hautagaiaren etsai gehienak atxilotu zituzten, baina Alfak, oso argia eta aberatsa zenez, ihes egitea lortu zuen. Mendekua ere nahi zuen. Bere helburua ez lortzea eta ezkutuan bizi behar izatearen errua poliziari eta batez ere Manuri botatzen zion. Anjel Flores Errazuk, aurreko kasuan Alfaren abokatu eta mandatari baino ez zena, ordea, kartzelan pasa zituen azkeneko ia bi urteak. Alfak, aurreko hilabeteetan itzuli zenean on Marioren eskutik Iruñea eta inguruko gaueko prostituzio eta droga aktibitateak kudeatu behar zituenean, lehengo lankideei deitu zien laguntzeko. Hala ere, Anjel Floresek baino ez zion jarraitu. Beste lankideak izandakoek, beldurrez edo, ez zuten parte hartu nahi. On Mariok ere lehenagotik ezagutzen zuen Manu eta akabatu nahi zuen. Droga zabaltzea eta emakumeen prostituzioaren kudeaketa Alfari utzi zion. Alfak gizon talde txiki batzuk zituen lan egiteko, baina berehala poliziak agertu ziren sadikoentzako snuff negozioa desegiteko. Poliziez gainera Manu ere agertu zen. Horregatik kontratatu zuten Filomena Maturana ikertzaile pribatua, Manu jarraitzeko eta kontrolatzeko. Hala eta guztiz ere, Foruzainek, Ertzaintza, Polizia eta zibilen laguntzarekin lankidetzan lortu zuten emakumeen salmenta negozioa gelditzea. Gaizkileek ez zekiten ongi nola, baina poliziek eta beraien laguntza zeukaten hackerrek Internet Sakoneko Web-ak kontrolatzea lortu zuten. Are gehiago, droga kontuetan zailtasunak zituzten eta arte-iruzurretan faltsutzailea harrapatu zuten. Denetan Manu eta bere laguntzaileak agertu ziren. Alfa haserre zegoen. Hiltzen saiatu ziren baina ordura arte ez zuten lortu. Alfak izan zuen ideia, Juan Mari Fontan, drogetan beraien sozio bat zena tranpa batean laguntzen jartzeko. Orduan on Mariok harrapatu zuen eta biharamunean elkartuko ziren denak sarkinari berea emateko. Alfa pozak zoratzen zegoen. Anjelekin zegoen hizketan. –Anjel. Itzalak deitu dit. Galdetu dit negozioak desmuntatu egin ditugun eta agindu digu bihar goizean bere txaletean agertzeko. Hemendik alde egin baino lehen Manuren akaberan parte hartzera gonbidatu gaitu. –Bai. Gogoz nago ni ere. Zoritxarrez berriro lortu dute gu geldiaraztea. Baina, ez al litzateke hobeki hemendik alde egitea berandu izan baino lehen? –Zer diozu? Alde egin egingo dugu, baina lehen larrutik ordainaraziko diogu madarikatuari! Manu buruko minez esnatu zen erdizka. Uste zuen amets txar batean zegoela, ezin baitzen mugitu. Baina laster, eskuak aurretik brida batez lortuta zituela eta koltxoi soil baten gainean etzanda zegoela ikusi zuen. Leihatila altu batetik sartzen zen argi gutxia. Gela txiki hartan koltxoia justu-justu sartzen zen luzeran. Ate metaliko batek ixten zuen pareta zati handi bat. Hura, trastetegi edo ziur aski soto bat izanen zen. Bere buruaz arduratu zenean konturatu zen jakarekin jantzita zegoela, baina zapatak eta motxila falta zitzaizkion. Irurtzungo pisua eta marihuana-mintegia gogoratu zituen: metalezko hodiak, horma zulatuak, argia, airea eta berotasuna. Gaizkile haiek harrapatu zutenean kolpe bat emanen zioten, ziur aski. Hala ere, zerbaitek erraten zion han gehiago gertatzen ari zela. Ezin zuen asmatu zer zen eta burua erlaxatzen saiatu zen. Erlaxatzeko, atzerako kontaketa egin zuen “erdi lo” geratu arte. Ongi egin zuen, orduak pasa baitziren atea ireki zuten arte. Begiak ireki zituenean, pixontzi bat ikusi zuen atetik hurbil. Ondoan, azpil batean pizza bat eta ur pitxer bat topatu zituen. Morroia handikotea zen eta ozenki hitz egin zion. –Hor duzu jateko eta bestelakoak asetzeko behar duzuna. Laster etorriko da nagusia. –Manuk ordua galdetu zion, baina ez zuen erantzunik jaso. Gizona segituan joan zen atea itxiz. Manuk arratsaldea izanen zela kalkulatu zuen: hiru bat ordu konorterik gabe egonen zen eta beste hainbeste denbora erlaxatuta. Pixalarria nabaritu zuen eta egin zuen. Gero, gosetuta zegoenez pizza puska handi bat hartu zuen, nahiz eta hoztuta egon. Ura ere edan zuen. Nagusi haren esperoan prestatu zen. Handik ordu erdira lau gizon sartu ziren gela txikian: harrapatu zuten bi handikoteak eta txiki meharra, eta beste adineko gizon dotore bat, gela betez. Nagusiak bere buruaren aurkezpena egin zuen. –On Mario naiz, zuk bilatzen duzuna. Manu, ikertzaile ona zara, baina zure karrera eta bizitza laster bukatuko dira. –On Mario, ez dituzu azkeneko margolan faltsuak lortu, baina negozioa beste batean jarraitu ahalko duzu. Gainera, horietako batzuk saldu dituzue dirutza irabaziz. Utz nazazu Iruñean edo inguruan eta ez duzu erailketa bat kontzientzian izanen. –Gizonak kar-kar ozena egin zuen. –Ez, gizontxo. Ez dakizu oraindik nor naizen. Nire bidean topatu zara pare bat aldiz. Azkenean, oraingoan ere bi negozio zapuztu dizkidazu; eta beste negozio batean, zure lagunek sudurra sartu dute –eten txikia egin zuen haserrearen haserreaz–. Sufritu eginen duzu hil arte. Ez diet zure familiakoei ezer egingo. Hala ere, bihar goizean jakingo dituzu banan banan egin dizkidazunak. Zure lagun edo etsai batzuk ere agertuko dira kontuak eskatzera... Joatekotan zegoela, usain txarraz kexatu zen on Mario. Pixontzia husteko eta xaboia, esku-oihala, ur asko eta janari gehiago uzteko eskatu zion gizontxoari. Atera baino lehen, beste hitz batzuk luzatu zizkion Manuri. –Orain lanpetuta nago. Nire eta lagunen ihesa prestatu behar dugu. Dena den, hamar ordu barru zure bizitzako saiorik gogorrena eta mingarriena jasan egingo duzu. Presta zaitez madarikatua! Ez zara honetaz libratuko –gizontxo txikiari begira jarraitu zuen–. Presta ezazue egongela handia Manuren despedidarako eta ken iezaiozu brida hori, ez baitu ihes egingo. Gauean afaldu aurretik, Jaker, Gorka eta Lorentxo elkartu ziren Manuren desagerketaz hitz egiteko. Hastekotan zirela, Mirenek deitu zion Jakerri. –Jaker, Manuren berririk izan al duzue? –Ez. Ikerketaren ondorioz agian bihar arte ez digu deituko. –Tira Samuel Jaka... –Horrela deitzen zionean honek bazekien Mirenek zerbait serioa erran behar ziola–. Ez disimulatu. Zer gertatu zaio Manuri? Desagertu al da? Bahitu egin dute, ezta? Berak ez gaitu uzten egoera zailen berririk eman gabe. –Mirenek errandako horrek ez zion gazteari aukerarik utzi. Jakin bazekien egia kontatu behar ziola. –Bai, desagertu egin da eta ziurrenez bahitu egin dute. Goizetik ez dugu arrastorik eta uste dugu egoera txarrean dela. Jabier Lopezek eta guztiok larrialdi egoeran jarri ditugu gure ezagunak eta baliabide guztiak. Baina, ez kezkatu, Manuk ere zerbait espero zuen eta erran zigun ez aztoratzeko eta prest izateko. Hemen gauden Lorentxo, Gorka eta hirurok elkartu gara horretaz hitz egiteko. –Nik ere uste dut Manuk zerbait espero zuela. Amuan jarri da burugogor hori! Nolanahi ere, uste dut arrisku larrian dagoela. Ez dut endredorik sortu nahi, baina edozertarako nago prest. Laguntza behar baduzue dei iezadazue. –Beno... Ez dakit. Ez dugu konplikatu behar, baina lasai deituko dizugu. –Orduan, bihar arte. Berririk ez badut goiz erdian deituko dizut edota bestela Jabierri deituko diot. Manuk gau luzea izatea espero zuen. Beldur zen, baina goizerako prest eta erne egon behar zuen. Ariketa fisiko batzuk egin zituen, utzitako janaria eta ur erdia ahoratu zituen eta prestatu zen lotan edo erlaxatuta zortzi ordu pasatzeko. Ez zen ordu erdia pasatu, lo sakonean geratu zenerako. Behin baino ez zen esnatu eta berriro loak hartzea lortu zuen. Goizaldean esnatu zenean, deskantsatuta eta urduri sentitu zen, baina ez izututa. Garbiketa arina egin zuen, ur gutxi erabiliz. Janari hondarrak eta geratzen zen edaria hartu zituen. Luzamendu bereziak eginda, erlaxatu eta erne egoeran jarri zen, loto jarreran. Handik gutxira, batzuen solasak eta mugimenduak nabaritu zituen. Altxatu eta prestatu zen. Atetik bi gorilak eta gizon mehea sartu ziren. Egongelara eraman zuten bultzaka, beste brida bat jarrita. Zerbitzari batzuek plateretan zizka-mizkak, edalontziak eta edariak utzi zituzten gela erdian zegoen mahai baxu zabalean. Egongelak hirurogei metro baino gehiago zuen. Bi sofa handi, luze eta zabalek betetzen zuten saloi minimalistaren alde bat. Beste bi sofa txikiagoek bi aldeetan zeuden eta sarreran apalak eta telebista erraldoia. Kristalezko ate-leihoak estore zuriek estaltzen zituzten neurri handi batean. Urrutian Iruñeko alde zaharra eta Eraikin Singularra nabari ziren. Hura Iruñetik iparralderako txalet bat izanen zen. Bi gorilek aulki arrunt batean eserarazi zuten detektibea. Minutu bat pasa baino lehenago, on Mario eta jende gehiago sartzen ari ziren: Alfa eta... abokatu hura... Flores zen. Atzean Filo sumatu zuen ezkutatzen ari zenean. On Mariok hitz egin zuen. –Lagun hauek gonbidatu ditut festara. Berehala, galdera batzuk erantzuten badizkidazu, ez diet zurekin jolasten utziko eta gehiegi sufritu gabe hilko zara; bestela, egunik eta hilzoririk luzeena eta minena izango dituzu. Zuk erabaki. Zer dakizu nire negozioaz? Bota dena derrepentean! –Manu prestatu zen okerrena jasateko eta estutu zituen eskuineko haginak mina eta krak bat sentitu arte. Zerbait erran behar zuen eta hasi zen desenkusatzen. –Sentitzen dut mina edo sortu badizuet. Nire lana zen eta zerbait egin behar nuen –errandako hura Alfa eta Floresentzako aitzakia zen. On Mariori zerbait gehiago erran behar zion. –Zutaz dakidan bakarra margo-iruzurrekin dirutza irabazi duzuelakoa da. Zu orain ezagutu zaitut, baina Txominen margo faltsuez duela aste batzuk jakin genuen eta zapuztu dizugu negozioa. Txominek eta gizon zaharrak dena kontatuko dute. Hobe duzue lehenbailehen ihes egitea... –Alfak moztu zion. –Manu, hireak egin dik! Ikusi gaituzu eta ez haiz hain erraz libratuko. Guri egin zeniguna eta neskatan eta droga kontuetan sudurra sartu izana ordaindu behar dizkiguzu. Bai, ez egin tontoarena! –Ez dakit zertaz ari zaren. Neska eta droga kontu horietaz ez dakit ezer eta... – Alfak kolpe gogor bat eman zion zigor batekin. Zerbaitek bizkarraren larruazala urratu ziola sentitu zuen Manuk. Manuk pentsatu zuen gogorki jokatuz gero, bera denbora gutxian larrutuko zutela. Egoera ez okertzeko galdezka hasi zen. –Neskak? Diskoteketako nesken erailketan parte hartu eta snuff-a egiten ibili al zarete? Nesken salerosketa eta tratu txarrak ematekoa zuen negozioa al zen? Ez nekien. Zer egiten ahal dut zuei laguntza emateko? –Gorriak pasatzen ahal dituzu –izan zen Alfaren erantzuna. Dena den, Mario tartekatu zen. –Ea, nesken auzian estutu gintuzten Bilbotik Ebro arro osoa eta Zaragozaraino. Frantziako hego-mendebaldean ere mugitu ziren jendarmeak, baina gure komunikazioak zailtzea, Interneteko Web Sakonean gure orriak jakeatu zenituztenean... Nola egin zenuten? –Ikertzaileak pentsatu zuen hitz egin behar zuela. Luzapena behar zuen. Egia errateak minutu gehiago emanen zion. –Hacker talde batek lagundu die poliziei. –On Mario gehiago haserretu zen. –Nola ez! Eta zure lagun Jakerrek ez du zerikusirik eraso horretan, ezta? –Arrazoi duzu. Berak parte hartu du, baina horretarako kontratatu gintuzten diskoetako jabeek. –Berdin dit Amabirjinak kontratatu bazintuzten. Gure martirioa izan zarete. Droga kontuetan ere oztopo izan zarete... eta ez da lehenengo aldia. Duela lau urte tartekatu zinen eraikuntza eta herri-lanetan aberastutakoak , baita orain dela bi urte Alfaren hautagai-etsaiaren aferan ere. –Alfa ezagutu dut. Baina, zu al zinen eraikuntzako aberatsen erailtze haien atzean ibili zena? –Zer? Estortsio-sarearen burura beste bat zela uste zenuen? Inoiz ez zenuten susmatu ni izan nintzela denaren erantzulea eta antolatu zuena? –Susmatu? Ez. Beste batek agintzen zien Antoniori eta besteei. –Gizonak barre-algara egin zuen. Ahal izan zuenean zerbait erran zien. –Eta nik agintzen nion agintari horri. –Ez zuen gehiago azaldu. Isiltasuna gordetzeko eskatu zien guztiei zer egin pentsatzen zuen bitartean. On Mariok besoetatik heltzeko eskatu zien gorilei. Itzala, Alfa eta Flores hurbildu ziren. Foruzainen kuartelean goizeko bederatzi eta erdiak aldera jaso zuten Manuren GPSaren seinalea. Ez zegoen urruti, Artika urbanizazioan baizik. Hala ere, badaezpada ere, inor eskapa ez zedin talde handia antolatu zuten txalet handi hura eta ondoko kaleak inguratzeko. Abiatzeko hamabost minutu pasa ziren, beste zortzi baino ez hara heltzeko. Ingurua segurtatuta, Jabier Lopez komisarioak Jakerren ondotik megafonia erabili zuen Foruzaingoaren izenean Manuren askapena eskatzeko. Berriro egin zuen Manu askatzeko deia, minutu bat emanez. Eskuak altxatuta eta armarik gabe ateratzeko eskatu zien. Bi minutuan ez zuten seinalerik eman eta berriro eskaera eginda, gizon batek oihuka erantzun zien: –Hemen ez da Manu izenekorik! Oker zaudete. Zer da hau? Komisarioaren ondoan Jakerrek konprobatu zuen GPSaren seinalea desagertzen ari zela, minutu bat lehenago garbi agertzen ari zenean. Gazteak adierazi zion Jabierri lur azpitik ibiliko zela edo, seinalea ez agertzeko. Jabierrek eskatu zien foruzain batzuei txaleta eta ingurua arretaz zaintzeko. Eskerrak foruzainak hogei baino gehiago zirela. Jabierrek berriro eskatu zien txaletekoei eskuak erakutsiz arin ateratzeko. Ez erantzutean, talde berezia bidali zuten gasak erabiliz etxean leku desberdinetatik sartzeko. Barrenean bi emakume eta bi gizon zerbitzari topatu zituzten. Hegoamerikarrak ziren guztiak. Hauek beldurrez eta eskuak altxatuta, tirorik ez egiteko oihukatzen zuten. Sortutako nahasmendua lasaitu eta gasak desagertu zirenean Jabier eta Jaker talde baten buru zerbitzari haiei galdetzen hasi ziren. Komisarioak, Manu, nagusia eta gaizkileak non ziren galdetu zienean, ez zekitela erantzun zuten. Emakume gazte batek, zerbitzariak, pista bat eman zien: –El Don, bere gizonak eta kanpotarrak gela sekretuan sartu dira. Sotoan daude. Jarraitu niri, polizia jaunak. Jarraitu zutenean ate blindatu bat topatu zuten. Komisarioak lehergailuak eskatu zituen. Agertu eta bost minutura tunel batean sartu ziren. Berrehun bat metro ibilita, sototik beste etxe batean sartu ziren eta garajetik kanpoko ateak irekita topatu zituzten. Handik gertu foruzain bati galdetu zioten zer ikusi zuen. –Inguraketatik kanpo zeuden eta ez zen susmagarria garaje horretatik auto bat poliki ateratzea. Hummer kromatu eta dirdiratsu bat zen eta inguru-bidera atera dira duela minutu bat Berriozar aldera, ikusi dunanez. Bestalde, Jakerrek GPSaren seinalea errekuperatu zuen eta baieztatu ahal izan zuen foruzainaren informazioa. Ez zuten nolanahi ere abantaila hura galduko. Jabierrek, han goian beraien zerbitzura zegoen helikopteroari abisua pasa zion. Bi minutu pasata, helikopterotik, Iruñera Sanduzelaiko sarreratik sartzeko bidea hartu zutela kontatu zieten. Jakerrek ere hala adierazita bi autoetan jarraitzera abiatu ziren. Sanduzelaiko semaforoetan gelditu ziren gaizkileak. Ondorenean, hummerrak hartu zuen bidea egin zuten. Donibanetik inguru-bidea jarraituz handik hamar minutura autopistan ziren Tuterarantz. Poliziek bai helikopteroz bai autoetan urrutitik jarraitu zuten beste auto ikusgarria. Ordu eta erdi batez jarraituta, Zaragozako inguruetan txalet batean sartu ziren gaizkileak, GPSak adierazten zuen bezala. Manu zeramaten beraiekin. Jabier Lopez komisarioak Zaragozako poliziari abisua pasa eta komunikazioak eginda, berriro etxe bat inguratu behar izan zuten. Handik ordu erdira megafoniaz Manu askatzeko eta errenditzeko eskatu zieten beraiei. Norbaitek baldintza batzuk oihukatu zituen: –Utzi hemendik ateratzen eta Manuri ez zaio ezer gertatuko –Jabierrek erantzun zien negoziazioa hasiz. –Utzi ikertzailea libre eta negoziatu eginen dugu. –Ondoko parkean helikopteroa uzten badiguzue, gizona askatuko dugu. –Ez. Talde berezi batek erasotuko zaituzte bost minutuan. Askatzen ez baduzue erailketa egiteko asmoaz ez zarete libratuko. Erantzunik eman gabe, denbora pasa zenean eraso taldeak, gasezko granadak bota eta sartu ziren barrenera eta haien atzetik minutura ikertzailearen lagunak. Gaizkileak atxilotzen ari ziren eta zorionez Manu bizirik aurkitu zuten. Zauriak zituen eta konorterik gabe zegoen. Hala ere, ez zirudien ezer larririk izango zuenik. Bi gorila, gizon txiki bat eta mafioso dotore baten itxura zuen gizona atxilotu zituzten. Anbulantzia agertu zenean Manu artatu zutenez berri onak eman zizkieten. Drogek eraginda zegoen lokartuta. Handik hogei minutura Iruñeko bidean esnatu zen Manu. Haren ondoan Jakerrek eta Jabierrek nola zegoen galdetu zioten. Honek berehala mintzatu zen. –Jabier, Jaker, lortu al dugu? –Jabierrek erantzun zion. –Bai, orain egon lasai. –Edonola ere, Manuk hitz egin behar zuen. Bere egoera tamalgarrian lagunei begiratuz irri egin eta hitz egin zuen. –Ez. Zuek uste duzuena baino gehiago gertatu da hemen. Xehetasunak kontatuko dizkizuet. Zuk Jabier lankide berri bat lortu duzu; Zuk, Jaker, zeure nagusi izatea lortuko duzu, edo ia, Lala kontuan hartuta eta neu... libre, aske izanen naiz! ! 15. Amaieraren ondoko oharrak Egun batzuk pasa ziren Manuren bahiketa eta erreskatea gertatu zirenetik. Manu ez zen lanera joan. Atseden hartu zuen deskantsatzeko eta pasa zuena emozionalki gainditzeko. Nolanahi ere, ez zen geratu ezer egin gabe, denbora pasa hutsean. Jabierri eskatu zion koordinazio taldearen eraketaz informazioa eskatzeko. Aldi berean udaltzain-buruekin hitz egin zuen zuzenean lan hartan hasi behar bazuen baldintza onetan egiteko. Orokorrean aurretik emandako baldintzetan eskainiko zioten lana. Edozein modutan zerbitzura itzultzea eskatu zuen. Irailean itzuliko zen eta hilabete bat emango zieten zerbitzua martxan jarri arte. Bitartean, Lala eta Jakerrekin hitz egin eta ikertzaile agentzia haien izenean jarriko zuen. Bulegoa, altzariak eta aparatuak bereak zirenez, Manu “kaseroa” baino ez zen izanen. Kontratu bat eginen zuten handik bi urtera, bulegoa erosteko aukera barne izanen zuena. Bestalde, bizitza berriak bazeukan alderdi pertsonal bat. Lanean bezala familiarekin hilabete batzuetako epea eman zioten elkarri berriro hasteko. Miren eta biak luze eta zabal mintzatu ziren. Manu ez zen besterik gabe betiko familia-etxera eta ohera itzuliko bost urte pasatu izan ez balira bezala, Manugatik izan balitz hala eginen zuen arren. Mirenek oso garbi utzi zion senarra izandakoari. –Manu, oraingoz ez duzu zure pisua utziko. Lehenago probatu behar duzu gurekin bizitzeko gai zarela. Egun batean hala erabakiz gero gure etxera etorriko zara, bitartean proban zaude. –Manuk ez zuen osotara ulertu. Gaizki interpretatu zuen? –Zer duzu, Miren? Ez nauzu maite? Ez al duzu ni itzultzea nahi? – Mirenek lehenengoz egin zuen barre. –Maite? Guk elkar maite dugu. Beste kontu bat izan da zuk zenuen bizitzagatik banatzea. Zer uste duzu Amaiarekiko harremana seriotzat hartu dudala? Nik izan dudan harreman bakan batek gurea ezabatu duela? –Ez dut halakorik erran. Uste nuen zu jeloskor zinela. –Mirenek jarioa moztu eta argitu zion. –Aspaldian hitz egin nuen Amaiarekin. Bera jakitun zen zuen harremanak ez zuela etorkizunik izanen. Luze eta lasai mintzatu ginen. Badakit inoiz ez duzuela bestelako planik egin, zuk nahi ez zenuelako. Berak erranda ni maite nauzulako. Ez dut gehiago hitz egin nahi. Ni prest nago berriro elkarrekin egoteko eta familia bat izateko, baina poliki joan behar dugu. –Bai... Arrazoi duzu. 16. Argitu beharrekoa: on Mariok eta gizon txikiak errandakoa On Mario zazpi urte lehenago promotorea zen. Krisiagatik dirurik gabe geratu zirenean, herri-lanetan eta promozio handietan aberastutakoei estortsioa egiten hasi ziren. Ordura arte ez zuen inor hil, baina dena konplikatzen hasi zenean, zerbait lortu nahi bazuen gogor jokatu behar zuela pentsatu zuen. On Mario, lekukoak zirenak hiltzen hasi zen, baita bere kideak izandakoak ere. Azkenean, ihes egin zuen, bere arrastoa erabat ezabatuz. Ameriketara joan eta bost urtera, Alfa ezagututakoan, itzultzeko planak egiten eta mendekua prestatzen hasi zen. On Mario arte-iruzurra zuzenean eraman zuen hasieratik. Mafiekin harremanetan, negozioa handitzekotan, prostituzio, trata eta droga sareak Europa mendebaldean zabaltzeko plangintza egin eta gauzatu zuen. Aurreko hilabeteetan itzuli zenean, on Mariok, Itzala edo Etsaia ezizenak hartu zituen, bere identitatea gorde nahian eta oso gogorra izateagatik. Arte-iruzurren tratuan ibilitako gizon zaharrak, alfredo Pomar, kontatu eta baieztatu zien foruzainei on Mariok arte-faltsutze negozioa zuzenean eraman zuela. Horretaz gainera, gauza bakar batez arduratu zen: Manu Elkanoren segimendu eta kontrolaz. Beste negozioak, garrantzitsuak izanda ere, Alfak zuzendu zituen Anjel Flores laguntzarekin eta Itzalak sareak zabaltzeko utzi zizkion gizon taldeekin. Beraz Alfa deitzen zuten hark kudeatu zituen emakumeen salerosketa, droga eta snuff negozioak. Sareak antolatu eta aprobetxatu zituen negozio guztiak eramateko. Dena den, “Itzala” bezala ezagutzen zen on Mariok eta Alfak interes berezia zuten ikertzailearengan. Beren negozioetan poliziaz gainera, Ertzaintza, Foruzaingoa eta ikertzaileak beren jarduna geldiarazten hasi zirenean, Alfak eta Itzalak Manu behingoz harrapatzeko eta akabatzeko planak jarri zituzten martxan. Floresek ere interesa zuen horretan, baina Filo, erabili bazuten ere, ez zegoen hain ziur. Filok berehala erran zien foruzainei Alfa eta Flores Sanduzelain autotik jaitsi zirela eta Arrieta kalean pisu batean bizi zirela. Biak harrapatu zituzten maletak egiten ari zirenean. On Mario, Alfa eta Flores auzipetuko zituzten, beren menpeko gaizkile guztiak bezala. Filo ere ez zen besterik gabe libratuko. Beste gauza bat jakin zuten: Rafael Gomez Sanzol, on Marioren negozioekin erlazionatuta zegoen, drogen garraioarekin. Mafiosoak garraio-enpresa hura kontrolatzen zuen droga mugitzeko. Rafaelek pertsonalki egiten zituen droga garraioak. On Marioren gizonek bahitu zuten haien arteko kontu garbiketa batengatik. Rafaelek saldu omen zuen bere aldetik droga partida bat eta bahiketa erabili egin zuten galdutakoaren balioa berreskuratzeko.
Aintzirari Laida Ju-ri Xiao Maren-i Garari Feng Fu Han-en ama biologikoari, zauden tokian zaudela, eskerrik asko eta zorte on. Eskerrak eman nahi dizkizuet liburu hau hobetzen lagundu didazuen guztioi, Erre eta Itsasori, Puru eta Marisari, Mikel Urdangarini, eta Koldo Biguriri. Eta, nola ez, Larraitzi. Zuen iruzkin guzti-guztiek zer pentsaturik eman didate. Mila esker zuen laguntzarengatik. SARRERA Istorio bat idazten hasten naizenean nire lehenengo buruhaustea protagonistaren izena asmatzea izan ohi da. Izenak sinesgarria izan behar du. Izenak protagonistaren izaerarekin bat etorri behar du. Izenek maparen puntu zehatz batera garamatzate, denbora zehatz batera eta tentuz ibili beharra dago aukeratzeko garaian. Jakina da, esate baterako, Espainiako gerra zibiletik ihesi Errusiara joan ziren haur euskaldunen artean ez zegoela Nahia edota June izeneko neskatorik. Eta jakina da, halaber, nekez aurkituko dugula Teofilo edo Apolonia bezalako izenik gure seme-alaben ikastolako lagunen artean. Garai bakoitzak bere izenak ditu eta nago horretan idazleak ezin duela hutsik egin. Harkaitz gaztea gure herriko futbol taldearen goleatzailea izan daiteke hala nahi izatera. Harkaitzek gol piloa sar dezake partida batean eta harmailetan bere aitona egon daiteke. Harkaitzen aitona harro egon daiteke bilobaren joko azkar eta bikainaz. Eta Harkaitzen aitonak, -benetan kontatu nahi dugun istorioa aitonarena baita- birgogora ditzake ezker hegaletik korrika egiten zitueneko urruneko urteak eta bere bizitzako pasarterik gogoangarrienak ekarriko ditu liburura. Baina Harkaitzen aitonaren izena ezin Harkaitz izan, inola ere ez, inortxok ere ez bailuke sinetsiko. Idazle bakoitzak bere zoroak bizi ditu, bai, eta nire lehenengo buruhaustea horixe izaten da, izenarena. Gero beste buruhauste gehiago etorriko dira, beste korapilo batzuk, askatu beharrekoak narrazioak aurrera egingo badu. Haatik, idazten hasi naizen istorio honetan ez dut horrelako arazorik izango, inoiz baino errazagoa gertatu baitzait izenen kontua erabakitzea. Protagonista nagusiaren izena, liburu honen azalean irakurri ahal izan duzun bezala, Enara da, Enara Fuhan. Beste protagonisten izenak ere erraz asko aurkitu ditut, gehiegi ere bilatu gabe. Xabi, Larraitz eta Garazi. Gure familia liburuan daude hiruak, eta bi mila eta bosteko urriaren hogeita lauaz geroztik Enara Fuhan ere agertzen da bertan aurrekoekin batera. Enara Fuhan Yantze ibaiaren ertzean dagoen Fengdu hirian jaio zen 2005eko urtarrilaren 21ean. “Fengdu hirian jaio zen” idatzi dut nahiz eta badakidan ez dugula inoiz jakingo egia ala gezurra ote den. Behin baino gehiagotan entzun izan dut Txinako emakume askok bidaia luzeak egiten dituztela haurra abandonatu aurretik, haurra euren jaioterritik urrun aurki dezaten, baina hau ere ezin esan dezaket egia ala gezurra ote den. Ez dakigu China Center of Adoption Affairs izeneko erakundeak esandakoa besterik, Enara Fengdu hiriko umezurtz-etxera eraman zutela 2005eko urtarrilaren 28an eta, euren kalkuluen arabera, astebete lehenago jaio zela. Jertse koloredun bat omen zeraman jantzita eta eraikitzen ari diren presaren inguruetan aurkitu omen zuten. Feng Fu Han izena jarri zioten jaioberriari: “Feng” abizena, hiriko umezurtz etxeko haur guztien abizena da, “Fu” hitzak zortea esan nahi du besteak beste, eta “Han” hitzak esanahi asko dituenez gero, ideogramaren idazkerara jo behar izan dugu “Bustita, blai eginda” esan nahi duela jakiteko. Bai, Feng Fu Han-ek zorte handia izan zuen presa haren ondoan aurkitu zutenean… Idazleon buruhausteen inguruan hasi naiz idazten eta hari horri helduko diot atzera. Izan ere, protagonistaren izena asmatzeari baino askoz garrantzitsuagoa irizten baitiot idatzi nahi duzuna argi eta garbi izateari, dela paper batean idatzita, dela burmuinaren txokoren batean gordeta. Ideiak argi izateak asko laguntzen du orri edo pantaila zuriari ekiteko orduan. Hainbat idazlek diote ez direla lanean hasten bukaera zein izango den jakin arte. Beste batzuek, aldiz, kontrakoa diote, idazteari ekin ohi diotela bukaera zehatzik izan gabe, istorioak berak gidatuko dituelako itxaropenaz. Batzuek eskemak egiten dituzte, atal bakoitzean kontatuko dutena zehatz-mehatz jakite aldera eta beste batzuk ideien kaosaren barnean murgiltzen dira handik nahi dutena aterako dutelakoan. Ez dago esan beharrik bakoitzak bere metodologia daukala eta ez dagoela eredu txarrik. Azken batean, idazteko pare bat gauza behar baita: batetik, istorio bat kontatzeko eta, bestetik, berau idazteko gogoa. Horixe besterik ez. Aitor dut inon kokatzekotan, lehenengo idazleen artean kokatuko nukeela nire burua, bukaera jakin arte lasai geratzen ez direnen artean, alegia. Idazle eskematikoa ere banaiz -eskematxoak egiten ditut nahiz eta jakin gehienetan ez diedala jaramon handirik egiten- eta idazten hasi aurretik gusturago sentitzen naiz dena kontrolpean daukadala pentsatzen badut –gehienetan ez da hala izaten, baina-. Oraingo istorio honetan, berriz, ez daukat oso argi zer idatziko dudan. Eta hala da, neurri handi batean, nire sentimenduez eta nire bizitzaz lehen pertsonan idatzi behar dudalako. Egia da askotan idazleok gure sentimenduez eta gure bizitzez idatzi ohi dugula baina gehienetan zeharka egiten dugu. Harkaitz jokalari gaztearen adibidea hona ekarrita, zera esango nizueke, ni ere gaztetan futbolean aritu nintzela eta noizbait futbola ardatz duen istorioren bat idatzi beharko banu, lehenik eta behin oroimenaren kutxan bilatuko nuke, ez istorioaren funtsari dagokionean baizik eta xehetasunei dagokienean. Harkaitzen istorioak -edozein delarik kontakizuna- kolpe guztiak sendatzen zituen “Reflex”-aren usaina izango luke nahi eta nahi ez, bai eta Herrerako zelaian atsedenaldietan ematen ziguten kafearen zaporea ere. Harkaitzek nik sartutako golak sartuko lituzke, eta nola ez, nik egindako huts galantak egingo lituzke. Bai, Harkaitzek eta biok antza handia izango genuke nahiz eta bere istorioa nirea ez izan. Liburu honetan, baina, lehen pertsona erabiliko dut, singularrean nahiz pluralean. Eta lehen pertsona erabiliko dudanez, fikziozko pertsonaiak asmatzeari uko egingo diodanez, ez daukat batere argi zer idatziko dudan. Errazagoa suertatuko litzaidake kontakizun hau pertsonaiaren baten atzean ezkutatzea, istorioa mozorrotzea, horixe baita gehienetan egiten dudana, baina, tira, ezin korrituko dugu beti biderik xamur eta motzena. Ez dut gogoan nori irakurri nion idazleok gure ipuin eta nobeletan biluzten garelako kontu ospetsu hura gezurra dela eta ni bat nator esaldi horrekin. Idazleok arropa janzten dugu idazten dugunean, biluzik ez agertze aldera, benetan garen bezala ez agertze aldera. Eta aipu horrekin bat natorrenez gero, biluztu nahi dudala esan beharko dut, halabeharrez, urte hauetan sentitu eta bizi izandakoa gogoratzen dudan bezala kontatzeko, galbaherik gabe. Adopzioaren munduan esan ohi da gure seme-alabak ez direla gure sabeletik jaiotzen mundura, baina bai, ordea, gure bihotzetik. Gure bihotzaren seme-alabak direla arrapostu egiten diegu genetikari garrantzia gehiegi ematen dietenei. Erantzun ederra da, inondik ere, eta nik segida eman nahi diot liburu honetan. Beraz, irakurle estimatu hori, bihotzarekin idatziko dudala agintzen dizut nahiz eta arestian esan bezala zer idatzi oso argi ez dudan arren. Hori bai, liburu honetara nazioarteko adopzio bat burutzeko gida bat aurkituko duzulakoan hurbildu bazara, oker zaudela esan beharko dizut. Liburu hau ez da “Adopta ezazu hamar pausotan” edo “Zu eta nazioarteko adopzioa” gisako auto-laguntzarako liburu horietako bat. Ez nuke jakingo horrelakorik egiten, eta gainera informazio mordoa falta zait. Ez naiz aditu bat, gure prozesua –eta lagun on batzuena- besterik ez dut ezagutzen, nazio bakoitzak bere legeak zein zehetasunak ditu eta Txinarako balio duenak ez du zertan balio Etiopiarako. Informazioa nahi duenak erakunde publikoetara jotzea dauka eta han jakinaraziko diote zer egin behar duen haur bat adoptatzeko. Adopzioaren munduan dabiltzan elkarteek ere behar den informazioa ematen dute, bai eta interneteko sarean barreiaturik dauden adopzioari buruzko orrialdeek ere. Baina ez hemen. Era berean, adopzioaren aldeko panfleto bat nahi duena ere oker dabil. Ezin ukatuko dut Enara Fuhan guregana iritsi –ala gu Enara Fuhanengana iritsi ginela esan beharko ote genuke?- baino askoz ere lehenagotik naizela adopzioaren aldeko militante, baina horrek ez du esan nahi etengabe nazioarteko adopzioaren apologia egin behar dudanik. Ez dago Enararekin paseoan ateratzea bezalakorik jende askok begi onez ikusten gaituela ohartzeko. Eta, era berean, gaur arte inork ezer esan ez badigu ere, jakin badakigu askok ez duela ulertzen adopzioaren bidea. Askorentzat, “ez dira zuen benetako seme-alabak”. Askorentzat, “arazotan sartuko zarete eta arazoak ekarriko dizkizuete”. Askorentzat, “ez duzue berdin maiteko”. Askorentzat, “arazoa konpondu beharrean areagotzen ari zarete”. Eta bada esku zuriko lapurtzat jotzen gaituenik. Zoritxarrez, informazioaren aroan bizi garen honetan inoiz baino informazio gutxiago daukagu eta, ondorioz, aurreiritziz inguraturik bizi behar dugu. Haatik, ez dut inor konbentzitu nahi. Ez dut inor konbentzitu behar. Gurasotasun biologikoaren aldeko panfleto bat bezain absurdoa litzateke adopziozko gurasotasunaren aldekoa, azken batean, nork bere bidea egin behar baitu. Guk gurea egin dugu eta horixe kontatuko dut, gure istorioa, gure esperientzia. Txinan gauzatutako adopzio baten istorioa, gure alabarengana eraman gintuen istorioa da liburu honetan aurkituko duzuna. Bihotzaren lumaz idatzitakoa. Sarrera labur honi bukaera eman aurretik kontu bat besterik ez. Idazleoi maiz galdetzen zaigu ea zergatik idazten dugun. “Merezi al du idaztea oso jende gutxik irakurtzen duela jakinda?” Argi dago baietz, merezi duela, bestela ez genuke ezer idatziko. Nork bere bidea aukeratzen du hala aita edo ama izateko orduan nola ondokoarekin komunikatzeko garaian eta ni ezin gusturago sentitzen naiz gertatzen zaidana orri zuriaren gainean jartzen dudanean. Badut zer kontaturik eta badut kontatzeko gogorik, beraz, ez dut ezer gehiago behar idazten hasteko. Ez da, baina, idazteko dudan arrazoi bakarra. Zuentzat, irakurle estimatuak, idatziko dut liburu hau, bai, baina, neurri handi batean Enara Fuhanentzat ari naiz, nora goazen jakitea bezain garrantzitsua baita nondik gatozen jakitea. Gure Enara txikiak ez du sekula jakingo nondik etorri zen –ekialdetik, bai, baina datu horrek ez dio gehiegi lagunduko bere iragana sortzeko garaian-, eta hutsune horrekin bizi beharko du betiko. Bere motxila partikularra izango da, eta galderez gainezka egongo da. Zergatik abandonatu ninduten? Zergatik ni? Zergatik adoptatu ninduzuen? Nork jaso ninduen? Non? Noren sabelean egon nintzen? Zein da nire iragana? Hainbeste dira erantzunik gabeko galderak non hutsunea zabalegia eta motxila pisutsuegia izango baitira, eta Enarak laguntza beharko du aurrera egingo badu. Orrialde hauek motxila horren zama arintzeko lagunduko balute, munduko aitarik zoriontsuena izango nintzateke. ERABAKIA. FAMILIA BAT SORTZEKO EGITASMOA Lehenengo mugarria Datak garrantzitsuak dira gure gizarte honetan. Mundura jaiotzen garenetik datak biltzen hasten gara, perretxikoak balira bezala, eta horrela jarraitzen dugu mundu honetatik alde egiten dugun arte. Gure jaioteguna gurekin etorriko da bizitza osoan zehar bai eta gure seme-alaben jaiotegunak ere. Apika, ez dugu gogoan izango noiz hasi ginen eskolara joaten baina ziurrenik gogoan izango dugu beti noiz hasi ginen lanean edota zein egunetan lo egin genuen lehendabiziko aldiz hain garesti erositako etxean. Gogoan gordetzen dugu gure ezkon-egunaren data –edota izatezko bikote bilakatu gineneko eguna, edota elkarrekin bizitzen jarri gineneko eguna, edota… zorionez hainbeste dira gaur egungo familia ereduak!- eta gure senide zein lagunen urtebetetze egunak, zoriontzeko besterik ez bada ere. Bizitza osoa mugarriz beteta dago, denboraren ibilbidean jarritakoak, eta atzera begiratzen dugunean mugarri horietara jotzen dugu egin duguna eta egin ez duguna ikuste aldera. Paper batean idatzita daukat 2004ko otsailaren 18an jarri genuela adopzioaren bidean lehenengo mugarria, egun hartan egin baikenuen eskaera Gipuzkoako Foru Aldundiak Intxaurrondoko auzoan duen Txara eraikuntzan. Haatik, denboraren bidean jarritako mugarri hauek beharrezkoak bezain gezurtiak dira, gauzak beti lehenago hasten baitira. Data “ofizialak” dira, nolabait esateko, paper ofizial batean idatzitakoak, zigilu ofizial bat ondoan daramatenak. Data estraofizialak, berriz, zera dio, Larraitz eta biok askoz ere lehenago hasi ginela adopzioaren bidean, askoz ere lehenago jakin genuela noizbait atzerrira joko genuela seme-alaba baten bila. Ez dut gogoan zehazki noiz hitz egin genuen lehendabiziko aldiz aita eta ama izatearen inguruan, baina garai bat esatekotan, 2001eko udaberria izango zela esango nuke. Udaberrian izango zela diot gogoan dudalako eguzkiaren izpiak indar handiz sartzen zirela gure etxeko egongelan eta hori udaberrian eta uda partean besterik ez zen gertatzen. Donostiako alde zaharreko kale estuek horrelako gauzak dituzte eta zulo batean ez baina bai etxe ilun batean bizi ginela esan behar dut. Eta asteburua izango zen, telebista aurrean patxada ederrean geundela gogoratzen baitut. Jakin bagenekien umeak eduki, eduki nahi genituela, baina artean gaiari behar den seriotasunez hitz egin gabeak ginen. Eta udaberriko eguerdi parte hartan, Larraitzek zera galdetu zidan: “noiz izan behar ditugu seme-alabak?” Arestian izan bezala, noizbait gaiaren inguruan hitz egindakoak ginen. “Lasai, iritsiko dira” erantzuten genuen senide edota lagunen batek seme-alaben inguruan galdetzen zigutenean. “Ez daukagu presarik”, “oraindik gazteak gara” bezalako esaldiak botatzen genituen eta biok bat gentozen erantzuteko garaian. Zuzenean elkarri galdetu gabe, jakin bagenekien egunen batean iritsiko zela eguna baina denbora behar genuen. Eta gainera, zer demontre, 1997an elkarrekin bizitzen hasi ginenetik ondo baino hobeto bizi ginen. Lanik ez genuen faltan, diruz ere ondo geunden eta nahi genuen guztia inolako loturarik gabe egin ahal genuen. Seme-alabarik gabe primeran bizi ginen, zertarako aldatu? Zergatik aldatu ondo dabilena?... Galdera horrentzat, baina, ez daukat erantzunik. Ez dakit zergatik eduki nahi ditugun seme-alabak, eta ez naiz gutaz ari, orokorrean baizik. Zergatik ekarri mundura seme-alabak? Argiago ikusten ditut seme-alabarik izan nahi ez dutenen argudioak dagoeneko izan ditugunonak baino. Seme-alabak mundura ekartzea erantzukizun handia da, itzela, eta bada zama hori eramateko bere burua gai ikusten ez duenik, edo besterik ezean, bere burua gai ikusi arren, erantzukizuna hartzeko prest ez dagoenik. Bada seme-alabaren beharrik sentitzen ez duenik eta bada, burutik batere sano ez dagoen mundu honen norabidea aztertu eta gero, mundura beste biztanle bat ekartzea absurdotzat jotzen duenik. Seme-alabek sufritu egingo dute munduan, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxixeago, baina denok sufrituko dugu eta bada sufrimendu hori ikusteko eta are gutxiago onartzeko prest ez dagoenik. Bada seme-alabarik izanda besteren bat mundura ekartzeko prest egon bai, baina arazo ekonomikoak direla –ai, interes tipo madarikatuak!-, arazo fisikoak direla –hirurogei metro koadro dauzkagu eta etxean ez zaigu inor gehiago sartzen- edota arazo fisiologikoak direla –adin batetik aurrera haurdunaldiak arriskutsuak dira- bere nahia bete ezinik dagoenik. Eta azkenik bada besterik gabe, interesik ez duenik. Bai, errazagoa suertatzen zait seme-alabarik izan nahi ez dutenen arrazoi eta argudioak azaltzea. Baina guk seme-alabak izatea erabaki genuen eta ez dakit “zergatik?” galderari erantzuten. “Seme-alabek zoriontasun ikaragarria ematen dizutelako” erantzungo du baten batek. “Seme-alabez gozatzeko” besteak. Bai, egia da, nago zoriontsuagoak garela Garazi eta Enara Fuhan gurekin daudenetik eta gure alabez ez ezik bizitzaz ere gehiago gozatzen dugula guraso garenetik, baina egia da, halaber, ez zarela horren jabe zure besoetan dauden arte. “Seme-alabak badituzu, zurea den zerbait utziko duzu mundu honetan, zure jarraipena izango dira nolabait esatearren” esan dezake urliak. “Animalia guztien antzera, guk ere espezieak iraun dezan nahi dugu, genetan daukagun informazioa da” esango du Sandiak. Eta bai, hori ere egia izango da, baina ez nau asebetetzen, azken batean, zer dela eta gure burua iraunarazteko gogo hori? Bestalde, gizarteak ezartzen duen presio ospetsua dago, gero eta samurragoa dena, egia esan, gero eta gutxiago begiratzen baitiogu ondoko lagunari, baina oraindik bizirik dirauena. Badirudi adin batera iristen zarenean derrigorrez egin behar duzun gauza dela, mundura jaiotzean hartzen duzun zorra, hurrengo berrogei urteetan kitatu beharrekoa. Badirudi, seme-alabarik izan ezean norbait etorriko zaigula kontu eske, arrozaren kontu ospetsu horri tira eta tira. Lekukoa pasa behar da nonbait. Taldeko animaliak gara eta ez dago ondo ikusita taldeari ekarpenik ez egitea. Baliteke, bai, baina ez dut uste inor aita edo ama izango denik ingurukoen presioaren eraginez, eta hala balitz, ez zait oso erabaki azkarra iruditzen. Ikusten duzuenez, ez naiz gai “zergatik?” galderari erantzun zehatz eta asebetetzeko moduko bat emateko. C’est la vie! Ezin izango ditugu beti erantzun guztiak eskuetan. Eta gure munduak eguzkiari bueltaka nola, hala jarraitzen du bizitzak, aurrera gelditu gabe, eta berarekin batera galderek. “Noiz izan behar ditugu seme-alabak?” Larraitzek zuen galdetu. Aingerutxoren erantzuna Galdera ikurra duen oro ez da beti galdera eta berehala ohartu nintzen esaldi hark beste esanahi bat zuela, erraz imajina dezakezuena. Lehendabiziko aldia zen gaiari seriotasunez heltzen geniona eta baiezkoa eman nion. Berdin-berdin erantzun nezakeen ezetz, oraindik ez nengoela prest esanez edota arestian aipatu beste arrazoietako bat erabiliz. Eta balizko ezezko bat baiezkoa bezain zilegi eta zintzoa zatekeen, une hartan ezin bainuen irudika nire burua ume bat besotan nuela. Izan ere, nire barnean zerbaitek ezetz esan behar nuela xuxurlatzen zidan, oso goiz zela, gazteegiak ginela, denbora izango genuela aurrerago. Baina une hartan, marrazki bizidunetako deabrutxoa eta aingerutxoa bezalaxe, beste zerbaitek baiezkoa eman behar nuela esaten zidan behin eta berriro. “Zergatik ez?”. Ez al zen egia nire buruari esaten niona, seme-alabak izan nahi nituela zioen kontu hura? Eta egia bazen, zertarako atzeratu erabakia? Eta baiezkoa eman nion, seme-alaben bila hasiko ginen hala nahi izanez gero. Zortea Ez zen, baina, hor amaitu arratsalde hartako solasaldia. Di-da batean erabaki genuen guraso izan nahi genuela eta jarraian, atsedenik hartu gabe planak egiten hasi ginen, gurasotasunaren inguruko hura guztia munduko gauzarik errazena balitz bezala. Eta ezin uka neurri handi batean familia bat planifikatzea erraza ez denik. Gaur egun, zorionez, kontrol ikaragarria daukagu ernalkuntzari dagokionez. Gaur egun, noizean behingo ezusteak gorabehera, geuk erabakitzen dugu noiz, nola eta zenbat haur munduratu. Adina, etxea, hipoteka, lana, arazo ekonomikoak… aldagaiak dira ernalkuntzaren eragiketa honetan, oso kontutan hartu beharrekoak, baina zinez garrantzitsua dena gure gorputzaren gainean dugun erabateko kontrola da. Zorte handia dugu eta aprobetxatu behar ditugu gizarte honek eskaintzen dizkigun abantailak. Berrogei urte baino gutxiago ditugunok inoiz edo behin entzun behar izan dugu “zuek denetarik nahi duzue” edo “Zeurekoiak zarete oso, bakarrik zeuen buruengan pentsatzen duzue” bezalako esaldiak gu baino zaharragoa den jendearen ahotan. Baliteke egia izatea, eta hori dioenak arrazoi osoa izatea, baina beti galdetu izan diot nire buruari hitz horien atzean ez ote dagoen erresumin mingots baten antzeko sentimendu ezkutu bat, inbidia apur bat guk ditugun (eta izan ditugun) eta aurreko belaunaldikoek izan ez dituzten aukerengatik. Gure amonek jakin izan balute guk dakiguna, guk ditugun aukerak orain dela hirurogei urte izan balituzte, ziurrenik gutako asko eta asko ez geundeke mundu honetan. Baina tira, alferrik da ura joanda gero presa egitea, eta gaur eta hemen gaudenok gu gara. Eta sekulako pagotxa dugu gaur eta hemen bizitzeagatik. Baten batek itsu izatea leporatuko dit. Sekulako arazoak ditugula, ez dagoela etxebizitza duin bat erosterik bizitza osorako hipotekatu gabe, hezkuntza sistemak ez duela funtzionatzen, unibertsitatean ikasitakoa eta lan merkatuak eskatzen duena maiz ez datozela bat, gizarte ustel bat sortzen ari garela, elkartasunik gabekoa, Ameriketako Estatu Batuen isla ezin fidelagoa. Baten batek dena kolore arrosaz margotu nahi izatea leporatuko dit, ez dudala aintzat hartzen hainbat eta hainbat arazo. Gaurko gazteak gurasoen habia goxoa –eta era berean, hertsia, hertsiegia ezer onerako- utzi ezinik dabiltzala, soldatak baxuak direla, lan duin bat aurkitzea lan nekeza dela eta euroaren kontuarekin ederki asko sartu zigutela ziria, geure barne kalkulagailuan euro bat ehun pezeta direla barneratzerainoko ziria. Eta arazoak hor amaitzen ez direnez, baten batek errealitateari atzea ematen diodala esango dit, XXI. mendean egonik ere, oraindik emakumezkoek gizonezkoek baino diru gutxiago jasotzen dutela lan bera egiteagatik, oraindik langabeziaren putzura botatzen dituztela haurdun geratzeagatik, oraindik aitatasun zein amatasun bajak behar baino motzagoak direla, haurrak munduratzeagatiko diru-laguntzak oraindik txikiak direla azken urteetako igoerak gorabehera. Bai, “sekulako pagotxa dugu” esaldiari horrelako argudioekin erantzuten didanari esan behar diot ezen ez zaiola arrazoirik falta. Aipatu arazoak benetakoak dira, errealak bezain krudelak. Gure Europa zaharkitu honi adjektibo mordoa jar geniezaioke atzetik eta gehienak gutxiesgarriak lirateke. Gure lehen mundu zapaltzaile, ero eta basati honi nahi duguna lepora geniezaioke eta ziurrenik motz geratuko ginateke. Haatik, zu eta biok, ene lagun estimatu hori, hemen jaio gara, lehen munduko biztanleak izatea egokitu zaigu eta zorte itzela izan genuela onartu beharra daukagu. Galdetu, bestela, erditzear egonik ere, patera edota kayuko batean sartzeko adorea duen emakume afrikarrari zer deritzon bere patuari eta zer gureari. Galdetu, bestela, engainaturik edo erdi bahiturik gure putetxeetan lan egiten diharduen Europa ekialdeko neska ilehoriari ea zenbat balio duen seme-alabak hona ekartzea. Horiek denek zorte handia dugula pentsatzen dute eta gauza bera nahi dute euren seme-alabentzat. Ez dira –ez gara- ohartzen benetako zortea gure baliabideak zein aukerak euren herrialdeetan izatea litzatekeela. Ez nuke, baina, lar desbideratu nahi, ezta, beste liburu batzuetan bai baina honetan leku handirik ez duten eztabaidetan sartu nahi. Kontua da Larraitz eta biok geure familia planifikatzeko aukera eduki dugula eta lan horri lotu gintzaizkiola 2001eko udaberri-uda urrun hartan. Eta lehenengo galderari erantzuna eman ostean, bigarrena iritsi zen: zenbat seme-alaba? Bi edo hiru Larraitzek argi zeukan ez zuela haur bakarra izan nahi, ziurrenik bere esperientzia ez errepikatzearren. Esan ohi da lagunak norberak aukeratzen dituela baina familia egokitu egiten zaizula, eta Larraitzi alaba bakarra izatea egokitu zitzaion. Niri, ordea, lau anaia-arreben hirugarrena izatea egokitu zitzaidan. Eta guk zenbat? Ba, ez lau eta ez bat, bi ia seguru, gehienez ere hiru. Hasiera hartan hirugarren bati ez genioen bidea guztiz itxi nahi izan. Artean ez genekien etxebizitzaren arazoak itxiko ziola balizko hirugarren seme-alaba bati. Tira, ba, azkenik Larraitz eta biok heldu genion gaiari eta gai izan ginen erabakiak hartzeko. Unea iritsia zen eta gehiegi eztabaidatu gabe bagenekien zer egin nahi genuen. Horrelakoetan, hasierako nerbioak laxatzen direnean, galdera gehiago iritsi ohi dira. Nolakoa izango da? Imajinatzen al duzu zure burua haurraren gurditxoari tiraka? Zu eta gurditxoa argazki berean. Ez, ez duzu ikusten, argazki lausoa da. Zaila da, bai, horrelakorik irudikatzea, baina bestetan ez bezala, ez duzu berehalakoan ezabatu irudia, argazki lausoa ez duzu zakarrontzira bidali. Eta bi seme-alabarekin, imajinatzen al duzu zure burua bi seme-alabarekin? Irudikatu gabe jarraitzen duzu, bai, baina ezezkoa ez da bestetan bezain borobila. Galderak berberak dira eta, era berean, ezberdinak. Eta galdera horiek desirekin nahastuta datoz, elkarri eskua emanda. Osasunez etor daitezela. Nik mutila izatea nahi nuke. Niri izugarri gustatuko litzaidake neskato bat izatea. Horrelako desirak ohikoak dira aita eta ama izango zarela erabakitzen duzunean, are gehiago nahi hori gauzatu eta ama hardun geratzen denean. Hain ohikoa ez dena –nahiz eta, zorionez, jada ezer arrarorik ez izan- Larraitzen desiren zerrendan agertzen zen hurrengo atala. Bi seme-alaba izan behar baditugu, bietako bat adoptatua izatea gustatuko litzaidake. Eta niri “Ah, bale” erantzutea besterik ez zitzaidan bururatu. “Ah, bale!” “Ah, bale”. Naturaltasun osoz. Ezjakintasunak eta axolagabekeriak ematen duen naturaltasunaz. Uste okerrek eta hausnarketa ezak bultzatutako baiezko ero eta natural-naturala. “Ah, bale”, bazkaltzeko tenorean ardo gorria beharrean beltza aukeratuko dugula esan balit bezala. Nik egun haietan ez nekien txintik ere adopzioaren munduaz, ez nekien ezer halako erabaki batek eskatzen duen indarraz, pazientziaz eta diruaz. Ez nekien ezertxo ere, geure kaleetan gero eta neskato txinatar gehiago ikusten direla besterik. Ezjakintasuna ausarta dela diote eta guztiz egia da. Mezu eta irudi okerrak bidaltzen dizkizu, zuk ahoa zabal-zabalik amua irents dezazun. Errealitatea eraldatzen dizu latza dena eder ager dakizun, zaila dena erraz, aldapa dena lau. Nire kasuan ezjakintasunak adopzioaren mundua arrosa kolore ponpoxoz margotu zuen. Zein ederrak dira han eta hemen ikusten diren neska txinatar txikitxo horiek! Zein graziosoak! Eta ilea kizkur-kizkurra duten beltx horiek… denak maitagarriak! Zergatik ez genuen guk horrelako bat izan behar…? Horrelakoa da ezjakintasuna eta horrela erantzun nuen nik. “Ah, bale” natural-natural batez. Agian, bidean zehar topa genitzakeen zailtasunen berri izan banu, adopzioaren munduaz gaur egun dakidana –ez gehiegi, hala ere, ez pentsa dakidana gure eta gure ingurukoen esperientziatik baino askoz haratago doanik- jakin izan banu, erantzuna bestelakoa zatekeen. Ez dakit eta ez dut inoiz jakingo. Badakit, ordea, gaur egun dakidana jakinda, gaur egun ez nukeela zalantza izpirik ere izango eta nire “ah, bale” axolagabe hura baiezko borobil eta guztiz naturala izango litzatekeela, baiezko indartsu eta zirrikiturik gabea, jakinaren gainean dagoena eta ezagutzatik sortutakoa. Eta bi baiezko hauek esanahi bera badute ere, alde ederra dago bien artean. Begiradak Internetek duen gauzarik onenetako bat berehalakotasuna da. Mundu osoa dugu esku-eskura klik gutxi batzuen buruan. Nahi dugun informazio guztia daukagu interneten, baina ozeano ikaragarri handia da sarea eta ez da erraza bertan arrantza egitea. Ez dut gogoan aita eta ama izango ginela erabaki genuen egun berean izan ote zen ala digestioa ondo burutzeko egun batzuk pasatzen utzi ote nuen, baina istorio honi dagokion hurrengo irudia ordenagailuaren aurrean ikusten dut. Ziurrenik Google-en “adopción” eta “internacional” hitzak idatziko nituen, ziurrenik ordu asko pasako nituen pantailaren aurrean, loari eta idazketari lapurtutakoak, eta ondo gogoan ez badut ere, badakit informazioa bilatzen hasiko nintzela, buru belarri hasi ere, dena berehala aurkituko nuelakoan, dena berehala aurkitu nahian, horrela jokatzen baitut zerbait kaskezurrean sartzen zaidanean. Egun haietan lehenengo aldiz izan nuen NAEL-en berri –Nazioarteko Adopziotarako Elkarte Laguntzaileak, gazteleraz ECAI ospetsuak- bai eta egokitasun agiriaren berri ere. Hamaika web orri bisitatu nituen, hitz eta kontzeptu ezezagunez beterikoak. Artean ez nintzen ohartzen ikusten nuena izeberg handi baten punta baino ez zela. Eta horrela ibili nintzen harik eta patuak Ume Alaia elkartearen informaziora eraman ninduen arte. Interneten egiten diren aurkikuntza garrantzitsu ia guztien antzera, nirea ere kasualitate hutsa izan zen. Web orrialde batek hurrengo asteburuan bertan egitekoa zen Nazioarteko adopzioari buruzko hitzaldi baten berri ematen zuen. Gainera, ez zen hitzaldi solte bat, hiruzpalau baizik, Donostian bertan egin beharrekoak. Aukera ezin hobea genuen lehen eskuko informazioa jasotzeko eta joango ginela erabaki genuen. Larunbata zen eta ni bakarrik –orain ezin gogoratu zer dela eta ez zen Larraitz etorri- hurbildu nintzen Intxaurrondora. Hitz-ordua Intxaurrondoko kultura-etxeko areto batean zen, goizeko hamaiketan, eta jada hasita zegoela iritsi nintzen. Lehenengo oroitzapena, iltzatuta geratu zitzaidan lehenengo irudia, haurtzaindegiarena izan zen. Haur asko zeuden han, arraza eta kolore askotarikoak, euren gurasoak hitzaldiari adi zeuden bitartean bukaera aldean jolasean ari zirenak. Ohi bezala, azken ilaran esertzea erabaki nuen eta ezin izan nuen lekuz kanpo nengoelako sentsazioa ekidin, neu bainintzen bikoterik edo haurrik gabe bertaratu zen bakarra. Eta gogoan dut haur haiek nire ondotik pasatzen zirela gurasoengana joateko eta nik irribarre lelo batez begiratzen niela. Gurasoek berehala bidaltzen zituzten etorritako bidetik, hitzaldia entzuten ari zirela eta mesedez atzera joan zitezela jolas egitera, eta bueltako bidean nik adi-adi begiratzen nien, haien begiradak hizlariaren hitzak baino interesgarriagoak balira bezala. Euren jatorri ezberdinak, besterik gabe, zerbait berezia emango balie bezala, urrun jaiotzeagatik, beste arraza batekoak izateagatik edota begi urratuak izateagatik miresmen berezia mereziko balute bezala. Orain badakit oker nengoela. Haur haiek ez ziren ez bereziak ez ezberdinak ere. Haur haiek Euskal Herrian jaiotako edozein haur bezalakoak ziren. Neure begirada zen aldatzen hasia zena. Baina horretaz, jakina, beranduago ohartu nintzen. Non geratu ziren irribarreak? Lehenengo oroitzapen hura –adoptatutako haurrak jolasean- politena izanagatik ez da egun horretan iltzatuta geratu zitzaidan bakarra. Bigarren oroitzapena ere gordeta geratu zitzaidan baina lehenengoak ez bezala, bigarrenak gutxi du ederretik. Izan ere, Txarako bilera aretoan bildu ginenon asmoa bestelakoa zen eta haurrak atzeko aldean jolasean ari ziren bitartean, aurreko aldean psikologo bat adopzioaz ari zen. Psikologo hark ez zuen tramiteez hitz egiten, atxikimenduaz zein loturaz baizik, eta bete beharreko paperez hitz egin beharrean, motxila baten inguruan hitz egiten zuen, harriz zein arazoz beterikoa. Lehenengo aldiz “abandonatu” aditza entzun nuen eta horma baten kontra talka egitea bezalakoxea izan zen. “Abandonatu”, bitxia da oso aditz horrena. Hain da nabarmena, hain mingarria non maiz ahaztu egiten baitzaigu –edota ez dugu gogoratu nahi- adopzio ororen atzetik haur bat dagoela abandonaturik. Adoptatutako haur ororen atzean sufrimendu latz baten istorioa dago, baina ez dugu ikusten, ez dugu ikusi nahi izaten, hain dira itsusiak aditz horrek gure gizartean dituen konnotazioak. Baina hor dago, gure seme-alaben irribarreek gehienetan ezkutatzen badute ere. Talka, ordea, ez zen aditz baten kontrakoa soilik izan. Psikomotrizitate arazoak, haur estresatuak eta hiper-aktiboak, burua balantzaka etengabe mugitzen duten haurrak, hortzak kirrinkatzen dituzten haurrak –bruxismoa-, tratu txarrak, maitasunik gabeko haurrak, arrazakeria… Psikologo hark nik adopzioarekin lotzen ez nituen hitz asko mahairatu zituen, balizko arazoen zerrenda amaigabea. “Ez du zertan baina gerta daiteke eta horrelakoak gertatzen dira”. Eta arrazoi osoa zuen psikologoak, bazekien, ondo jakin ere, zertaz ari zen. Orduan zeure buruari galdetzen diozu ea non geratu diren kaletik ikusten diren neskato txinatar eta euren irribarre zabalak, non mulato ilekizkurrak eta euren begi beltx bizi-biziak. Et,et,et… eta zuri nork agindu zizun denak horrelakoak zirela? Eta orduan psikologoa hiru eta lau urteko haurrez hitz egiten hasten da, sei, zazpi eta zortzi urteko haurrez, hamar, hamabi eta hamalau urteko gaztetxoez, umezurtz etxe batean bizitza osoa eman duten eta egunen batean kale gorrian geratuko diren neska-mutikoez, “familia” edota “maitasun” hitzen esanahia ezagutzen ez duten haurrez, gure soziologia fakultateetan familiaren desegituraketaren inguruan eskola magistralak eman ditzaketen gaztetxoez, zainketa bereziak behar dituzten haurrez, gaixotasun kronikoak dituztenez, edota besterik gabe, ezkerreko eskuan bost beharrean sei hatz izateagatik adoptatua izateko zailtasunak dituen neskatoaz. Eta bukaeran gogotik desiratzen duzu psikologoak hitzaldiari lehen baino lehen bukaera eman diezaion eta atzean dauden haurren irribarreak itzul daitezen. Haatik, errealitatearen hormaren kontrako talka horren mina ez da berehala desagertzen. Hor geratzen da. Psikologoak azaldu zuen hura ere, desatsegina izanik ere, adopzioa da. “Abandonatu” aditza ere adopzioa da. Zoritxarrez, errealitateak zerikusi gutxi du ametsekin. Errusia, India, Kolonbia Hurrengo hilabeteak apur bat arraroak izan ziren, edo behintzat halako sentsazioa daukat. Azkenik, errealitatea ez zela uste bezain polita eta arazoak egon zitezkeela ohartu baginen ere, burua altxatu eta aurrera egitea erabaki genuen. Aita eta ama izango ginen eta bi haur izan nahi genituen, bata biologikoa –artean ez genekien gai izango ote ginenentz, zailtasun fisikorik ote genuenentz- eta bestea adoptatua izango zela. Luze gabe gure borroka partikularrari ekin genion. Alde batetik prebentzio neurriak hartzeari utzi genion eta bestetik adopzioaren bidea aztertzen hasi ginen, herrialde bakoitzak eskatzen zituen betebeharrak zeintzuk ziren jakiteko asmoz. Bitxia bada ere, hasierako plan haietan Txina ez zegoen gure lehentasunen artean. Izan ere, sarean irakurri ahal izan genuenez, Txinan adoptatu ahal izateko baldintzetako bat hogeita hamar urte beteak izatea zen eta niri gutxi falta bazitzaidan ere -2001eko abenduan beteko nituen-, Larraitzi bi urte luze geratzen zitzaizkion. Gainera, neuk Errusiari halako sinpatia berezia nion. Horrelakoetan bihotzari jaramon egitea gomendatzen dute eta ni bihotzak Errusiarantz bultzatzen ninduen, hara joan behar genuela adoptatzera. Ziurrenik bulkada horren atzetik nire iragan sasi-boltxebikearen lorratzak zeuden, gazte garaietan paparrean atxikita neraman bost puntadun izar gorria, amerikarren aurka galdutako gerra ideologiko guztien nostalgia eta lurrean kondenatu diren langile tristeen aldeko jarrera sasi-ezkertiarra. Nire sinpatia hark “baina” bakar bat zeukan, “baina” absurdu eta txatxu bat, hizkuntzaren arazoa, hain zuzen. Ez dakit zergatik baina egun haietan hizkuntza arazo bilakatu zitzaidan ohartu gabe, Hegoamerika alde batera utzita, munduko edozein lurralde aukeratuta ere arazo berbera topatuko nuela. Tira, ba, inor ez dago irrazionaltasunetik salbu… Larraitzek ere bazituen lehentasunak. Bata India zen. Bestea Kolonbia. Ez zuen, ordea, motibo berezirik bi herrialde haiek aipatzeko unean. Indiarekiko halako miresmen bat baino ez –detaile garrantzitsua da hala ere, komeni baita zure seme-alabaren lurraldearekiko zerbait sentitzea - eta Kolonbian adopzioak ondo funtzionatzen zuelako ustea –aipa dezagun, bidenabar, uste hura ez zela ustela, adopzioari dagokionez Kolonbian gauzak mantso baina txukun egiten baitituzte-. Niri bi proposamen haiek ez zidaten ezer berezirik eragiten, ez bero eta ez hotz, baina Kolonbiak hizkuntzaren arazoa konpontzen zuen. Horrelako bidaia luze bat –hausnartzen nuen- egin behar baduzu, atzerrian denboraldi luze batez egon behar baduzu, aukeran hobe da bertako hizkuntza ezagutzea. Berriro ere, nire beldur txatxu eta logikorik gabekoa… Eta zein lurraldetan adoptatu behar genuen erabakitzeko bidaia hartan, Intxaurrondoko NAEL batera hurbildu ginen Bulgariari buruzko informazio eske oker ez banago. Haatik, nago aukera hura ez zela oso erreala izan, “bada ez bada ere” bat baino ez. Tira, ba. India, Errusia eta Kolonbia izan ziren aukerak hastapenetan. Alde onak eta txarrak aztertzen ibili ginen, informazioa bilatzen eta gordetzen. Zeintzuk ziren bete beharreko baldintzak, zeintzuk gastuak, zeintzuk arazoak, zenbat denbora itxaron behar genuen, zenbat ziren egin beharreko bidaiak… asko ziren hausnartzeko gaiak. Bizkitartean, beste aukera, seme-alaba biologikoa izatekoa, baztertu gabe jarraitzen genuen. Bietako bat Seme-alaba biologikoaren fronteak zabalik jarraitzen zuen eta honek uste baino garrantzia handiagoa zuen ezen, ordurako jakin baikenekien adopzioaren bidea itxi beharko genuela Larraitz haurdun geratuz gero. Izan ere, haurdun geratuz gero paradoxa makur bat ez ezik arazo administratibo potolo bat ere izateko aukera zegoen, alegia, bigarren seme-alaba lehenengoa baino lehenago jaio izana eta horrek ez dauka logika handirik. Horrexegatik esan dut arestian hilabete arraro samarrak izan zirela haiek. Bi fronteak irekita genituen eta, era berean, bietako bat itxi beharko genuela jakin arren zalantzaz beterik genuen zeini lehenago heldu. Alde batetik, ez genuen neurririk hartzen. Bestetik, informazioa jasotzen eta erabakiak hartzen hasiak ginen nahiz eta adopziorako lehenengo urratsa – alegia, Gipuzkoako Foru Aldundian eskaera egitea- artean ez eman. Egoera arraro hartan murgildurik iraun genuen harik eta horrela ez genuela jarraitzerik erabaki genuen arte. Zirt edo zart egin behar genuen. Aurrera edo atzera. Haur bat adoptatzeko ideia ahaztu edo ideiari behin betiko eutsi. Neurriak hartu gabe jarraitu edo berriro pilulak hartzen hasi. Bietako bat. Handik gutxira, 2001eko irailaren hondarreko egun batean, Larraitz eta biok Txara eraikinera hurbilduko ginen haur bat adoptatzeko eskaera betetzeko asmoz. Herrialdea idazteko unea iritsi zenean, Kolonbia idatzi genuen, batik bat biderik ziurrena iruditu zitzaigulako. Hari gorriaren kondaira Garai haietan ez genuen txinatarrek hari gorri bati buruz kontatzen duten kondairaren berri. Ziur nago ezen jakin izan bagenu, kondaira horri leporatuko geniola, zalantza izpirik gabe, hurrengo egunetan gertatutakoa. Txinatarrek diote hari gorri batek lotzen dituela bizitzan zehar elkartu behar duten pertsonak. Hari gorri ikusezin hori korapilatu daiteke baina sekula ez da apurtuko eta, azkenik, elkartu behar duten pertsonak elkartu egingo dira. Batek daki. Agian kondaira hori sinetsi beharko genuke. Agian gure haria, Enararekin lotzen gintuen hari gorri ikusezina, ondo korapilatuta zegoen eta denbora gehiago behar zuen askatzeko. Kondaira sinetsi ala ez, kontua da urrian etorri behar zuen hileroko bisitariak huts egin zuela eta bere ordez garbantzu txikitxo bat utzi zigun opari, handik bederatzi hilabetera Garazi bihurtuko zena. Bai, halaxe izan zen. Garazi lehenago jaio zen mundura. Predictor izeneko tramankulu ospetsuak jakinarazi zigun, larunbat goiz batean ohean etzanda geundela, Larraitz haurdun zegoela, eta egia esan behar badizuet, hasiera batean ez zidan grazia handirik egin. Ohean buelta eman nuen eta “ederki” esan nuen, apur bat amorratuta. Majo kostata erabaki bat hartu ondoren, gure plan guztiak ezerezean geratuko ziren. Haatik, nago amorru txiki haren atzetik halako beldur bat zegoela ezkutaturik, bat-batean halako bertigo batek harrapatu izan banindu bezala. Bat-batean, gizakiok izan ohi dugun kontraesan horietako baten erdian nengoen murgilduta. Haur bat izan nahi genuen eta bost axola zitzaigun Parisetik zuzenean etorri edo Bogotako aireportuan eskala egin ostean iritsi. Pozik egon behar nuen, bai, baina hura ez zen erabakitakoa. Eta poza iritsi bazen ere, apur bat berandutu zen. Ezin zehatz dezaket ordubetez ala egun pare batez berandutu ote zen, baina azkenik lortu nuen amorrua eta bertigoa uxatzea. Eta nago geure modura ospatu egin genuela garbantzu txiki haren etorrera eta, berriro ere, erabakiak hartzen hasi ginela, ilusioz beteriko erabakiak, hala nola, noiz esan familiari, nori helarazi gure poza eta nola jakinarazi berria. Gabonak iritsi arte sekretupean gordeko genuela erabaki genuen. Hartara, haurdunaldia ondo zihoala baieztatu ahal izango genuen –lehenengo asteak omen dira arriskutsuenak abortu naturala izateko- eta berria denei batera emateko aukera izango genuen. Alabaina, egon bazegoen bestelako arrazoi bat berria Gabonak iritsi arte gordetzeko. Halako batean berria emateko era original eta polit bat bururatu zitzaigun, Gabonetako opariekin zerikusia zuena. Kontua da orain dela urte batzuk, familia gero eta handiagoa zela ikusita, gure amak –zeinek bestela!- jakinarazi zigun kokoteraino zegoela gabonetako oparien ardura bere gain hartzeaz. Dirutza ederra xahutzen zuen arren, aurrekontuak ez zuen gora egiten eta urtetik urtera opariak gero eta eskasagoak ziren jende gehiagoren artean banatzearen poderioz. Handik aurrera “lagun ikusezina” erabiliko genuela esan zuen, zerrenda eta guzti, eta guk, jakina, amen egin genuen. Emozioa galdu genuen baina gure amak lasaitu ederra hartu zuen. Beno, bada, gabon haietan gure opari zerrendan, ohiko liburu eta diskoen artean ezkutaturik, “pixa-oihalak” hitza tartekatu genuen. Eta gezurra badirudi ere, egon zen mezua berehala ulertu ez zuenik. Handik gutxira, baina, iritsi ziren zorionak eta musuak, “bazen garaia, motel!” eta “kostatu zaizue, ba!” guztiak. Garazik irakatsi zidana Haurdunaldiaz ez du merezi gehiegi luzatzea. Dena ondo joan zen, adopzioaz ahaztu egin ginen bolada luze batez eta gure pentsamendu guztiak desiretatik beldurrerainoko tarte zabalean joaten ziren alderik alde, ziztu bizian joan ere, galderak han eta hemen utziz. Gai izango al ginen ondo zaintzeko eta hezteko? Nolakoa izango ote zen? Osasuntsu jaioko ahal da! Eta bikiak balira, zer? Galdera mordoa egiten diozu zeure buruari haurra noiz jaioko zain zauden bitartean. Ez nekiena zen galderak sekula ez direla amaitzen eta gehienetan ez dutela erantzun zehatzik. Baina tira, gure zalantza, nahi eta galderekin ezaxola, Garazik goxo-goxo iraun zuen amaren sabelean harik eta 2002ko uztailaren 29an bazela garaia kanpoan zer zen ikusteko erabaki zuen arte, eta horrela, egun bat geroago, goizeko ordu bi eta erdietan, Garazi jaio zen mundura. Hortik aurrerako guztiak normaltzat jotzen direnak izan ziren. Lehenengo hamabost egunak gogorrak izan ziren oso, batez ere Larraitz leher eginda zegoelako, eta Garazik negar asko egiten zuelako. Dena berria zen eta ikasi behar izan genuen bizitza berriari aurre egiten. Ordutegiak, otorduak, loaldiak… den-dena berria zen. Eta, jakina, gure haurra maitatzen ere ikasi behar izan genuen, maitasuna ez baita ziztuan iristen den gauza bat. Poza bai, berehala iristen da, eta ikaragarria izan zen Garazi jaiotzean sentitu nuena, baina nago ez zela bat-bateko maitasun irrazional eta baldintzarik gabekoa. Edo agian, bai, bada maitasuna sentitzen nuena, baina ez ordura arte ezagutzen nuena. Sentimendu berri bat zen, arraroa eta ezezaguna. Maitasunak, orain ezagutzen dudanak, denbora apur bat gehiago behar izaten du, edo behintzat hala izan zen nire kasuan. Beti iristen bada ere, ez da berehala agertzen. Hain da sarria zure barnean duzun sentimendu basoa non zaila egiten zaio iristea. Baina azkenean iristen da, eta egun batean “maite zaitut” esan diozula ohartzen zara… Orain, denborak ematen duen talaiatik, ezberdin ikusten ditut Garaziren jaiotza eta Enararena. Enararenganako maitasuna azkarrago iritsi zelakoan nago eta hori Garaziri zor diot hein handi batean. Izan ere, Garazik -ohartu gabe jakina- erakutsi baitzidan bidea, Garazik irakatsi baitzidan nire barneko sentimenduak bereizten. Elefante baten haurdunaldia 2004ko udazkena-edo izango zen berriro ere familia proiektuaren hurrengo urratsa emateko garaia zela erabaki genuenean. Garazik bi urte bete berriak zituen ordurako, eta ia hiru urte lehenago hasi baina bukaeraraino ibili ez genuen bideari berrekiteko ordua zela erabaki genuen. Jakina, ez zen egun batetik besterako erabakia izan. Ez zitzaigun, ez, zeruko aingerurik agertu hura zela unerik egokiena ohartarazteko eta martxan jar gintezen, berandutu baino lehen, agintzeko. Inon egotekotan, egutegietan zegoen gure erabakiaren oinarria, izan ere, kalkuluak egiten hasi baikinen. Adopzio prozesu batek luze jo ohi du eta gehienetan ez dago zehazterik zenbat denbora emango duen. Burokrazia astuna da toki guztietan eta paper mordoa bete behar izaten da. Burokrazia bikoitza da, gainera, gure lurraldeko agintariek eskatutakoa ez ezik, haurraren jatorriko lurraldekoak ere bete baitira. Gure kalkuluek zioten gutxienik bi urtez luzatuko zela eta hortik gora. Elefante baten haurdunaldia izango zen ia. Bigarren seme-alaba etortzerako Garazik lau urte izango zituen, deskuiduan bost. Kontutan hartu behar genuen, baina, adoptatuko genuen haurra ez zela jaioberria izango. Txiki-txikia izan zitekeen, bai, baina gutxien-gutxienik sei hilabete izango zituen. Haatik, apur bat koxkortuagoa izateko aukera ere bazegoen, bi edo hiru urte izan zitzakeen, muga bakarra Garaziren jaioteguna baitzen. Eta guretzat garrantzitsua zen Garazi eta etorriko zenaren arteko aldea handiegia ez izatea. Neba-ahizpen arteko adin diferentzia txikia baldin bada, errazagoa dute elkarrekin olgetan ibiltzea eta dibertitzea. Etorkizunerako ere mesedegarri irizten genion tarte handiegirik ez egoteari. Tartea, esaterako, bospasei urtekoa baldin bada, zaharrena nerabetasunera iristen denerako gazteenak haurra izaten jarraituko du. Halaber, txikia nerabetasunera iristen denerako, zaharrena pertsona heldua izango da ia. Baliteke oker egotea eta gurea funts gutxiko ustea izatea –aita naizenetik ikasi dut ezen, hartzen duzun erabakia hartzen duzula, beti topatuko duzula gaizki ari zarela gaztigatuko dizun psikologoa- baina neba-ahizpen arteko harremana errazagoa suertatuko zelako uste horrek lagundu zigun martxan jartzeko ordua zela erabakitzeko. Eta ia hiru urte lehenago egin bezala, presarik gabe, bai, baina behin ere gelditu gabe, tirriki-tarraka, informazio bilketari ekin genion. Harri gorria berriro tiraka Urteak ez dira alferrik joaten, baina. Bizitza ez da gelditzen eta munduak ez dio jiratzeari uzten. Hiru urte lehenago, 2001ean, gauzak argi genituen eta Kolonbian adoptatuko genuela uste genuen. Hiru urte beranduago, 2004an, gauzak jada ez zeuden hain argi. 2001ean Errusia eta India, guregan sortzen zuten miresmena gorabehera, alde batera utzi genituen. Errusiari buruz irakurritako istorioek ez ziguten konfiantza handirik ematen, bi bidaia egin behar ziren eta gogorregia iritzi genion haurra ezagutzera joan eta gero, han utzi behar izatea epaile batek adopzioaren ebazpena eman arte. Gainera, garrantzitsuena ez izanagatik, askoz ere garestiagoa zen. Indiari dagokionez, ezin gogora dezaket zehazki zerk bultzatu gintuen alde batera uztera. Adopzioa ez zen erabatekoa –etxera itzulitakoan gauzatu behar zen adopzioa- baina ez dut uste hura arrazoi nahikoa izan zenik. Egongo zen besteren bat, baina ezin den-dena eta zehatz-mehatz gogoratu. Kontua da 2001ean Kolonbia aukeratu genuela, batik bat, interneten bidez irakurtzen genuenak konfiantza handia ematen zigulako. Kolonbiarrek mantso baina seriotasunez egiten zituzten gauzak. Ez zen gorabehera handirik egoten eta eman beharreko urratsak argiak ziren. Kolonbiarekiko lotura afektiborik ez bagenuen ere, alde praktikotik begiratuta, ez zegoen dudarik batere, aukera ona zen. Haatik, arestian esan bezala, denbora ez da alferrik pasatzen, eta hiru urte haietan Garazi jaiotzeaz gain bestelako gertaerak izan ziren. Haietako batek Kolonbiarekin izan zuen zerikusirik eta ez zen oso berri ona izan. Berriro ere barkatu beharko didazue zehaztasun gehiegirik ez ematea. Oraingoan ondo asko gogoratzen dut gertatutakoa, ez da memoria txarra isiltzera behartzen nauena baizik eta diskrezioa, izan ere, gertaera hark ez zuen eragin zuzenik izan guregan, gertuko pertsona batengan baizik, eta ni zuen aurrean “biluzteko” prest egoteak ez du esan nahi ingurukoen sekretu zein istorioak kontatu behar ditudanik. Esan dezagun, beraz, gertaera txar batek gaiztotu zuela familiak Kolonbiari buruz zuen iritzia eta horrek aukera bertan behera uztera eraman gintuen. Esan dezagun, beraz, Kolonbia baztertzeko tenorean sentimenduek praktikotasuna baino pisu handiagoa izan zutela. Edo esan dezagun, zergatik ez, hari gorri bat, tinko eta irmo, hasi zela ekialderantz tiraka -gu ohartzeke, jakina-. Zergatik Txina? Kolonbia utzi eta Txina aukeratzea bata bestearen atzetik etorri zen. Zergatik Txina? Zergatik hasieran ez eta bi urte pasa ostean bai? Bada, nago hiru izan zirela arrazoiak. Lehenengoa AFAC -Asociacion de Familias Adoptantes en China- elkarteko web orrialdeko foroan izena ematea izan zen. Web orrialdea lehenagotik ezagutzen genuen, informazioa biltzen ibili ginen garaietatik hain zuzen, Txinan adoptatu nahi duenarentzat aipatu web orrialdea erreferentzia garrantzitsua baita, baina artean foroan izena eman gabe geunden. Foro honetan dagoeneko haurra ekarri duten familiek zein adoptatzeko asmotan daudenek mezuak elkartrukatzen dituzte eta bertan irakurri genituen mezuek bultzakada ederra eman ziguten. Izan ere, ia denak norabide beretik zihoazen. Denek nabarmentzen zuten prozesuaren garbia eta gardentasuna, denek esaten zuten ez zegoela gorabeherarik, ez zegoela arazorik eta, izatekotan, txinatarrak ziztu bizian saiatzen zirela konpontzen. Bidaia zoragarria izango zela, erregeen pare hartuko gintuztela, eta haurrak ondo zainduta ez ezik espero zitekeena baino osasuntsuago egoten zirela. Gerora frogatu ahal izan dugu egun haietan irakurritako guztia egia biribila zela. Eta gerora jakin ahal izan genuen zergatik izan den eta den horrela. Baina horretaz aurrerago hitz egingo dizuet, ondo baderitzozue, bidaiaren nondik norakoak kontatzearekin batera. Kontuz, baina, honekin ez dut esan nahi arazorik egongo ez denik ezta Txinan haur bat adoptatzea munduko gauzarik errazena denik. E-mail haien artean mezu lazgarriak irakurri ahal izan genituen. Istorio benetan latzak, arazo potolo samarrak, bizitza aldatzen dizkizuten gertakari zoritxarrekoak. Horiek ere irakurri genituen, baina mezu positiboen aldean gutxi izan ziren. Eta era berean, Txinan adopzio prozesua garbia eta gardena dela esatean, ez dut esan nahi beste herrialdetan gauza bera gertatzen ez denik. Nago mundu txiki honetan ere denetarik dagoela eta adoptatutako haur bakoitzak bere prozesua duela. Ez dago konparatzerik. Hori bai, guri sekulako bultzakada eman zigun prozesua Txinan burutu zuten ia guztiek balorazio ezin hobea egiten zutela jakiteak. Bigarren arrazoia –agian gehien konbentzitu gintuena, agian praktikoena- gure komunikabideetan urtean bitan agertzen den berria izan zen, alegia, Nazioarteko adopzioak gora doazela gurean eta Txinatik iristen direla ume gehienak. Datuari garrantzitsua iritzi genion, etorkizunari begira hobe zela talde handiago baten kidea izatea. Ez dakigu zer sentituko duten hamabost-hogei urte barru gure seme-alabek. Ez dakigu nola biziko duten euren iragana, ez dakigu gai izango ote diren motxila ospetsuaren zama laguntzarik gabe garraiatzeko. Eta gerta liteke arazorik ez egotea, eta adoptatua izateak, iraganean Txinako umezurtz-etxeetatik atera genituen ehunka haurretako bat izateak garrantzirik batere ez izatea, anekdotarik izan gabe anekdota balitz bezala bizi ahal izatea. Horixe nahiko genuke, alajaina! Baina gure nahiak ezin gaitzake itsutu zeren baitakigu jakin justu kontrakoa gerta litekeela. Gerta liteke, esaterako, bere motxilaren zamari ezin aurre egitea, gure sentimenduak eta bereak bat ez etortzea, munduarekin erresuminduta bizitzea. Hori ere gerta liteke, ez baitu eraman erraza izan behar behinola zure ama biologikoak kale bazter batean utzi zintuela jakiteak, ezberdintasuna begietan idatzita daukazula sumatzeak, aurpegira begiratzen dizutenek zure iraganaz zuk bezainbeste dakitela –dena eta, era berean, ezertxo ere ez- ohartzeak. Eta horren aurrean zer egingo ote genuke hausnartzean, zera erabaki genuen, bada ez bada ere, hobe zela Enara bezalako haurrak ahalik eta gertuen edukitzea, komunitate handiago baten kide izatea. Ez dakigu etorkizunean zalantza hauek guztiak absurdutzat joko ote ditugun baina guri baliagarria izan zitzaigun Txinaren aldeko apustua egiteko orduan. Bada, azkenik, hirugarren arrazoi bat, nahiz eta besteen aldean azalekoa izan. Izan ere, informazio bila hasi eta AFACeko web orrialdeko foroan izena eman genuen geroztik, argazki piloa ikusteko aukera izan genuen, eta argazkiak ikustea da aita-ama izan nahi duenarentzat gauzarik arriskutsuena. Asignazio txanda bat iristen zen bakoitzean guraso berriek argazki mordoa eskegitzen zuten foroan, denak antzekoak. Neskato musu triste eta zurbilak agertzen ziren argazkiotan, ile gutxikoak eta argalak, baina denak maitagarriak. Eta argazki horiek ikusi eta beraiekin ez maitemintzea ia ezinezkoa da… Beraz, aipatu hiru arrazoi hauek daude gure aldaketaren atzean. Zenbat eta gehiago hausnartu, orduan eta argiago genuen Txinara joango ginela gure seme edo alabaren bila, han, nonbaiten, Txina erraldoi eta urruneko bazterren batean –artean ernaldu eta jaio gabe- zegoela gure seme-alaba izango zenaren zerbait. Alde onak baino ez genituen ikusten: prozesua itxuraz garbia zen, erraza eta ezusterik gabea, sekretu eta bitartekorik gabekoa, eta ziurrenik neskato txiki eta osasuntsu bat emango ziguten. Alde “txar” bakarra, nolabait esatearren, neskatoaren begi urratu horiek ziren, eta orain hobe dut tentuz ibiltzea eta ondo baino hobeto azaltzea, gai mingarria izan baitaiteke. Begi urratu horiek Alde batetik adoptatu nahi duten gurasoak daude eta bestetik –nazioarteko adopzioaz ari garelarik- haurraren jatorrizko herrialdea. Eta eragiketa honetan argi dago gurasoek herrialde bat aukeratzean arraza bat ere aukeratzen dutela. Bada haurrak beraiekiko ahalik eta antz handiena izatea nahi duen gurasorik eta horrelako kasuetan, normalena Europako ekialdean adoptatzea da. Bada herrialde zehatz batekiko halako lotura sentimentala sentitzen duen gurasorik eta, jakina, herrialde zehatz horretara joko dute. Etiopian edota Madagaskarren adoptatu nahi duenak badaki txartel guztiak dituela bere seme-alabaren azalaren kolorea ikatza bezain beltza izateko, eta era berean Ertamerikara joko duenak badaki txartel guztiak ez baina bai txartel asko dituela haurraren kolorea gure azal zuria baino ilunagoa izateko. Nork bere hautua egiten du eta denak dira zilegiak. Nork bere burua ezagutzen du ondoen, eta norberak badaki zer dagoen onartzeko prest eta zer ez. Eta hau guztia diot badakidalako gure seme-alaben azalaren kolorea sufrimendu iturburu izan daitekeela. Elkartasunaren gizartean bizi gara, bai, ongi izatearen paradisu –matxuratu samarra, baina paradisu, azken batean- zoragarrian. Odola ematean lehenengoak omen gara, eta transplanteetarako organoak emateko garaian ere gu txapeldunak omen. Lehen munduko biztanle zoriontsu bezain estresatuak gara, baina adi, ondo sustraituta daukagu arrazakeriaren harra eta ez du ematen akabatzeko gai izango garenik. Are gehiago, nago etorkizunak arrazen arteko –hala klase arteko esan beharko ote genuke?- talka bortitz gehiago ekarriko dituela. Eta mundu honetan hazi beharko ditugu gure seme-alaba adoptatuak. Ezagun da haurrak gaiztoak direla euren ezjakintasunean eta ezagun da, halaber, nerabezaroa garai zaila dela oso, zailena ez bada. Haurtzaroan zein nerabezaroan min ikaragarria eragin diezaiokegu ondokoari, batzuetan ohartu gabe eta besteetan gure ekintzen jabe. Nor ez da trufatu haurtzaroan ikasgelako neska-mutilik potoloenaz, nork ez dio burla egin ikasgai guztiak zekizkienari, betaurreko potoloak zeramatzanari, ezberdina zenari? Denok izan gara haurrak, batzuk bihurriagoak besteak baino, batzuk lasaiagoak besteak baino, baina ia denok egin dugu gaiztakeriaren bat edo beste, ia denok sufriarazi dugu norbait. Egun, kasurik lazgarrienei “Bulling” esaten diogu –izena duen oro zerbait bada, aurreratu dugun seinale- baina ez da gaurko kontua. Etorkizun ez oso urrutian gure seme-alabak izango dira ikasgelako diferenteak, hortxe izango dute ahulgunea. Jolastokian gure seme-alaba adoptatuak “txinatarra”, “beltxa”, eta “beltzarana” izango dira ezinbestean. Gure lana –gurasoena zein Hezkuntza sistemarena- izen horiek positibo bihurtzea izango da. Baina berriro diot, arrazakeriaren kontrako borrokan galtzaile izango garelakoan nago. Zer gertatuko da auzoko dendariak han-hemenka perretxikoen pare zabaltzen ari diren Txinatarren dendatan dena merkeagoa dela esanez kexu azalduko diren egunean? Zer esango dute zorterik gabekoek babes ofizialeko etxeen zozketatan etorkin hegoamerikarrek behingoagatik zortea alde izan dutela ikustean? Zer pentsatuko dute askok aldamiora igotako langileen azal beltza ikustean? Badakigu zer erantzungo duten marraztutako etorkizuna oraina baita jada. Entzunak dauzkagu erantzun horiek denak. Lehenengo etxekoak eta gero kanpokoak. Guri lana kentzera datoz. Frantzia frantziarrentzat zioen Le Penek eta argi dago ur lohitsu horietan elikatzen direla hala faxismoa nola arrazakeria. Eta gure seme-alaba adoptatuak erdian egongo dira, arrazakeria gaitzesten duen mundu arrazista bateko kideak izanik baina gehiengoaren arrazakideak izan gabe. Arestian ahulgune hitza erabili dut gure seme-alaben arraza harira, ez nik ahulgunetzat hartzen dudalako, min eman nahi duenak halaxe ikusiko duelako baizik. Gure seme-alabek ahulgune hori aukera bihurtu beharko dute, kikildu beharrean harrotasunez onartu beharko dute ezberdinak direla, ezberdinak besterik gabe, adjektiborik gabe, goitizenik gabe. Gure lana bide horretan makulu izatearena izango da. Ez da lan makala, gero! Atal honen hasieran esan dut nork bere burua ezagutzen duela ondoen eta norberak dakiela inork baino hobeto zer dagoen onartzeko prest eta zer ez. Denok nahi dugu gure seme-alabak zoriontsuak izan daitezen eta horretara bideratzen ditugu gure urrats guztiak. Euren zoriontasuna gurea izango da, bai. Alabaina, bizitza hau ez da sekula samurra izan, eta, gure ahalegin guztiak gorabehera, gure seme-alabek sufritu ere sufrituko dute. Eta euren sufrimendua ere gurea izango da, jakina. Adoptatuei dagokienez, baina, gurasook jakin behar dugu arraza plus bat izan daitekeela, motxilan zamatu eta betiko eramango dutena. Ez dut esaten derrigorrez hala izan behar duenik, aukera dagoela baizik. Adopzioaren prozesuak aurrera egin ahala, iristen da unea non hausnartu behar baituzu, ea balizko gainkarga hori onartzeko prest zauden ala ez erabaki. Eta nork bere hautua egin behar du. Eta erabakia hori hartzeko garaian, Txinatarren begi urratuei buruzko hausnarketa egin genuenean, aurrera egingo genuela erabaki genuen. Bigarren lehenengo mugarria Eskaera luzatu aurretik, baina, handik gutxira egitekoa zen hitzaldi batera joan gintezen agindu ziguten Foru Aldundiko gizarte laguntzaileek. Hitzaldia nazio bakoitzak ezartzen dituen baldintzen ingurukoa zen, eta guk erabakia zegoeneko hartuta bagenuen ere, ez genuen huts egin hitzordura. Aurreko guztiak bezalaxe, bilera hura ere Txaran burutu zen eta gogoan dut bikote mordoa bildu ginela. Bikote bakoitzak bere beldurrak zein desioak eraman zituen bilerara, bikote bakoitzak amets bat zeraman begirada urdurietatik iragazten zena, nork bere zalantza, nork bere galdera, nork bere istorioa. Gogoan dut bikote batzuk eskutik helduta sartu zirela aretora eta hala jarraitu zutela bilerak iraun zuen bitartean. Gogoan dut galdera gehienak emakumeek egiten zituztela, auskalo zergatik, amaren papera azkarrago hartzen delako-edo. Eta gogoan dut jakin-minez begiratzen niela han zeuden bikoteei. Bizitzak han elkartu gintuen, bai, haur bat adoptatzeko bilera batean, baina azken enkontrua izango ote zen ala lehenengoa? Bikote haien artean zeintzuk izango ziren gure bidaia-lagunak? Norengana bultzatuko gintuen abentura hark? Han ote zeuden gurekin Txinara joango zirenak? Horrelako pentsamenduak zebilzkidan burutik bileran eta nago hala lurraldea aldez aurretik erabakita edukitzeak nola idazlea izateak bultzatu nindutela besteei erreparatzera eta haien galderen atzetik zeuden istorioak asmatzen saiatzera. Apika, zalantzaz beterik joan izan bagina, jaramon handiagoa egingo niekeen gizarte laguntzailearen azalpenei eta orain gogoratuko nituzke han esan zizkigutenak. Haatik, naizen bezalakoa naiz eta nik horixe dut gogoan. Handik gutxira, 2004ko otsailaren 18an Txarara hurbildu ginen eta Txinan haur bat adoptatzeko eskaera luzatu genion Gipuzkoako Foru Aldundiari. Gure adopzio prozesuaren lehenengo pausoa izan zen, ofizialtzat hartzeko moduko lehenengo mugarria. Lehenengoa bai, baina orriotan irakurri ahal izan duzuen bezala, lehenengoa izateak ez du beti bidaiaren hasiera markatzen. EGITEN EZ DEN GALDERAZ Zergatik? Behin puntu honetara iritsita, eta prozesuaren hariari tiraka jarraitu aurretik, eten bat egin nahi dut. Aurrerago denbora izango dugu egokitasun agiriaz hitz egiteko, asignazioaz, Txinara egin genuen bidaia ahantzezinaz jarduteko eta Enararen musua lehenengoz ikusi genueneko uneaz mintzatzeko. Orain eten bat egin behar dugu. Izan ere, badira kontakizun kronologikoari atxikirik ez dauden hainbat kontu, kontu garrantzitsuak, gure hausnarketa merezi dutenak. Kontu horiek galderak dira, maiz gure ingurukoen pentsamenduetatik pasatzen direnak eta gehienetan -dela lotsarengatik, dela konfiantza ezagatik, dela kuxkuxero moduan ez geratzeagatik- egiten ez direnak. Nolatan haur txinatar bat? Zenbat kostatu zaizue? Zenbat denbora eman zenuten? Zaila izan al da?... Galdera hauek guztiak egin dizkigute jada eta ziur gaude etorkizunean ere egingo dizkigutela. Eta galdera hauek guztiak bakar batean laburbildu daitezke. Zergatik? Uy, eta nolatan? Egokitasun agiria 2004ko urrian eman ziguten. Azterketa gaindituta genuen, beraz, eta ordura arte gure arteko sekretua izan zenak bazuen argira ateratzeko garaia. Berriro ere Gabonak iritsi arte itxaron genuen berria familiari helarazteko eta Gabonetako oparien zerrendatan bigarrenez agertu zen “pixa-oihalak” hitza. Enararen amonetako bat, Garaziren etorreraren iragarpena berehala harrapatu ez zuena, bizkorrago ibili zen bigarrenean. Haurdun al zaude? galde egin zion Larraitzi irribarre zabal batez. Hura aurpegia jarri zuena ezetz erantzun genionean! Ez zuen piperrik ulertzen! Orduan? Eta guk, barreari eutsi ezinik, aldez aurretik prestatutako erantzuna luzatu genion: ez gaude haurdun baina aitona-amonak izango zarete berriro. Amonak guztiz harriturik jarraitzen zuen, ulertu nahi eta ezinean, harik eta lehenengo aldiz adopzio hitza ahoskatu genuen arte. – Uy, eta nolatan? “Uy, eta nolatan?” egin zigun galde. Garazi mundura jaioko zelako berria jakin zuenean ez bezala, Enararen berriaren kasuan zorionik ez. Ez “Hau poza!”, ez “Zorionak”. Ez musurik ezta besarkadarik ere. Ez genuen txartzat hartu, jakina, hori ere aurreikusita baikenuen. Gerta zitekeen eta gertatu zen, besterik gabe. Azken batean, gure gizarteak oraindik ez baitu automatismorik sortu horrelako berri bat ematen dizutenerako. Oraindik ez gaude ohituta. Entzuna eta irakurria genuen aitona-amona guztiek ez dutela berria ondo hartzen eta horretarako ere prest geunden. Zer egingo ote genukeen gure alaba onartzeko prest egon izan ez balira? Nola jokatuko genukeen gure gurasoek “hori ez da nire biloba izango” edota hori bezalako astakeriaren bat aurpegiratu izan baligute? Astakeria irudituko zaizue baina horrelakoak behin baino gehiagotan gertatu dira. Gertatzen dira eta gertatuko dira. Eta guri ere gerta zekigukeen nahiz eta gure gurasoak ezagututa ia ezinezkotzat jotzen genuen. Gerta zitekeen, bai, baina zorionez ez zen gertatu. Guri harrera hotzarena gertatu zitzaigun, eta gaur egun anekdota hutsa baino ez da, minik eragiten ez duen arantza balitz bezala. Denboraren poderioz ohitu egin ginen, ohitu egiten zara. Haur bat adoptatzeko prozesuan baldin bazaude, haurdun zaudela sentituko duzu, bai, baina sentimendua bakardadean eraman beharko duzu. Haurdun zaude, baina emakumearen sabela ez da handitzen eta hori da jendeak ikusten duena. Beldurra sentituko duzu. Edo emozioa. Edo larritasun puntu bat urdailean. Nekea, urduritasuna, kezka, ilusioa… Haurdunaldi biologiko batek sor ditzakeen aldaketa guztiak sentituko dituzu, baina zure sabela ez da handituko. Jendeak zu ikustean ez du emakume haurdun bat ikusten, eta, ondorioz, oso jende gutxik zorionduko zaitu. Eta arraro suertatzen da. Eta ezer esaten ez dizun pertsona hori zenbat eta gertuagokoa izan, orduan eta arraroago sentitzen zara. Bai, arraro sentitzearena izan daiteke sentimenduetako bat baina ez da inolaz ere bakarra. Imajina ezazue urteak daramatzazula haurdun geratu nahi eta ezinean. Imajina ezazue orain lauzpabost aldiz egin dizutela ernalketa artifiziala eta, hala ere, ez zarela hardun geratu. Imajina ezazue abortu natural bat baino gehiago izan dituzula. Imajina ezazue aipatu egoera horietako bat jasan duen bikotea. Zer sentitu dute urte horietan guztietan? Nola sentitu dira emakumearen gorputzak ernaldutako obulua kanporatzean? Nola neurtzen da estres emozionala? Nola auto-estimaren zapalkuntza? Eta orain imajina ezazue nola sentituko zinatekete zuek baldin eta senide edota lagunen batek, zure bizitzako berririk garrantzitsuena helaraztean, “uy, eta nolatan?” galdetuko balizu. Nago gutxik erabiliko zenuketela “arraro” hitza. Ez, jendeak ez zaitu zoriontzen haur bat adoptatzekotan zabiltzala esaten diozunean eta horretarako prest egon behar duzu. Batzuetan ondo eramango duzu eta beste batzuetan ez hain ondo. Horrelako uneetan pentsa ezazu zorion hitzak ez jasotzea ez dela jaso dezakezun erantzunik okerrena. Bai, badira okerragoak. Askoz okerragoak dira bestelako erantzun batzuk, bat-batekotasunaren desenkusa izan arren, gaitzespenik erabatekoena bezain mingarriak izan daitezkeenak. Imajina ezazue honako eszena hau: Kaixo, aspaldiko! Zer moduz? Ondo, oso ondo. Eta zuek? Gu oso pozik. Izan ere, haur bat adoptatuko dugu Txinan! Ah, oso ondo iruditzen zait! Imajina ezazue orain eszena bera baina “haur bat adoptatuko dugu” esaldia ezabatu eta bere ordez jar ezazue “Haurdun nago”. Gure solaskidearen erantzuna absurdua da, ezta? Inori ez litzaioke burutik pasatuko ondo iruditzen zaiola esatea. Haurdunaldi baten berri ematen digutenean ez dugu haurduna juzgatzen, ez diogu esaten ondo iruditzen zaigula hartutako erabakia, ez gara nor iritziak ematen hasteko. Adopzioaren munduari dagokionez, ordea, mundu guztiak dauka iritzi bat eta horixe bera botatzen du, bitan pentsatu gabe. Jendea ez da ohartzen haur bat adoptatuko duzulako berria ematean ez duzula informazio soil bat ematen, telebista berri bat erosiko duzulako berria edota Arzaken jatetxera afaltzera joango zarelakoa ematen den bezala, baizik eta zure alaitasunaren berri eman nahi diozula, zurekin batera poztu dadin. Atzera begira Orain dela hamar-hamabost urte nazioarteko adopzioa gauza marjinala zen –marjinala adopzioak oso urriak ziren neurrian esan nahi baita-, ez zen ia existitzen. Eta familia eredu bakarra zegoen garaietatik zetorren iritzi kolektibo baten ondorioz, adopzioa gehiegi aireratu behar ez zen kontua zen. Gogoan dut gaztetan jakin nuela ikaskide bat adoptatua zela. Eta gogoan dut neska hark ez zuela adoptatua zelako berria batere ondo hartu. Ezkutuan gorde zuten adopzioa eta nerabe zelarik esan zioten, “ulertuko zuelakoan”. Beste garaiak ziren eta adopzioak familiako sekretupean gordetzen ziren. Berria jakitean –dena jakiten baita- jendeak errukiz begiratzen zien hala gurasoei nola haurrari. “Gizajoek ezin izan zuten haurrik izan”, “Ze pena!”. Eta jakina, inori ez zaio gustatzen pena ematea. Batzuek, familia bakarreko eredua jarraituta, ez zioten ondo irizten, azken batean Jaungoikoak haurrik ematen ez bazizun, zerbaitengatik izango zen. Beste batzuek, kutsu elizkoi berak bultzaturik, karitatea aipatzen zuten –aurrerago esango ditut bi hitz karitateaz-. “Egin duzuena karitate ekintza polit bat da”, “Oso ondo deritzot egin duzuenari, zoragarriak zarete”. Hara nondik datorren iritzia ematearen kontua! Zorionez, baina, garaiak aldatu dira. Lehen marjinala zena marjinala izateari utzi dio. Enararen bila joan gineneko urtean, esaterako, haur adoptatuak bost iragarki kanpainatan agertzen ziren, zuzenean edota zeharka. Duela pare bat urte, prime time-ko telesaio arrakastatsu batean, bikote homosexual batek haur bat adoptatzeko saiakera egin zuen, eta adopzioa modu arin samar batean aurkeztu bazuten ere, hantxe agertu zen, audientzia handiko saio baten ardatz. Zorionez, orain nazioarteko adopzioa onartuta dago. Orain adopzioak “saltzen du”. Gaur egun onartzen dugu lehen onartzen ez genuena eta esan liteke aldaketa nahikoa erraz egin dugula. Euskal herrian bizi gara eta gure herria txikia da oso. Hain da txikia non ia denok ezagutzen dugun elkar. Gurean ez dago distantziarik eta ehun kilometroren bueltan hiri handi edota txikiren bat aurkituko dugu. Eta Euskal Herri txiki honetako biztanleok gero eta kosmopolitagoak gara, gero eta anitzagoak eta gero eta errazago moldatzen gara egoera berrietara. Bai, guretzat errazagoa da. Baina errazagoa izanik ere, oraindik geratzen dira iraganeko zantzuak. Bada gure erabakia ulertzen ez duenik eta bada adoptatzeagatik arazotan sartzen ari garela uste duenik. Oraindik bada, gure herri aurreratu eta zibilizatu honetan, genetikari garrantzi handiegia ematen dionik, eta bada, Larraitz eta bion aukera are gutxiago ulertzen duenik, guk ez baitaukagu ezintasunik haurrak munduratzeko. Zertarako bilatu kanpoan dagoeneko etxean duzuna galdetzen diete euren buruei. Eta bada, jakina, kanpokoa etxekoa baino gutxiago maitatuko dugula uste duenik. Gero eta gutxiago dira, baina benetakoak dira eta edozein unetan egin dezakezu topo horrelako batekin. Eta bada “Zergatik?” galdetu nahi dizunik. Zergatik? Sarri pentsatu arren gutxitan egiten den galdera. Hiru aditz Nork bere erantzuna izango du, noski. Gureak hiru aditzetan zuen oinarria: Nahi dugu: maitasuna daukagu soberan eta maitasun hori eman egin nahi dugu. Ahal dugu: gaitasun emozionala eta ekonomikoa dugu haur bat hezteko. Behar dute: milaka haur dago munduan maitasun apur bat behar duena. Batzuk ondo zainduta egongo dira umezurtz etxeetan. Beste batzuk ez hain ondo. Asko eta asko, ezta hori ere, miseria gorrian. Eta hori ez da aldatuko. Nahi dugu, ahal dugu eta behar dute. Horiek izan dira gure arrazoiak eta ez alferrik aldatu dut pluraleko lehenengo pertsona behar aditza idaztean. Nahi dugu eta ahal dugu, bai, baina gure nahiak eta ahalmenak hutsalak dira haur hauen beharren aldean. Haiek behar dute eta horixe da garrantzitsuena. Badakigu, jakin, urtetan seme-alaba baten bila ibili direnek ere esan dezaketela “Behar dugu”, eta zilegi bada ere, oker geundeke hori garrantzitsuena dela pentsatuko bagenu. Azken batean, adopzioak ezin bilatuko du haur bat guraso zehatz batzuentzat, ezpada guraso batzuk haur zehatz batentzat. Eta hau ulertzen ez duenak okerreko atetik sartuko da adopzioaren munduan. Karitateaz bi hitz Nahi dugu, ahal dugu, eta behar dute, bai… baina kontuz! Ez dezagun gure burua engaina. Gizarteak gero eta normalago ikusten du adopzioa, gero eta onartuago dagoen zerbait da, arestian esan bezala, “saltzen duen” zerbait da egun. Baina beldur naiz ez ote den mito bihurtzen ari. Gizarteak zera pentsatzen du askotan, haur bat adoptatu dugunok meritu handia daukagula, oso esku zabalak garela edota okerragoa dena, karitateak mugiarazten gaituela. Batzuentzat Gobernuz Kanpoko Erakunde ibiltariak gara. Eta hori ere ez da egia. Pertsona normalak gara. Ez gara inor baino hobeak eta gure eskuak zein bihotzak ez dira adoptatzeko inolako asmorik ezta interesik ez dutenenak baino zabalagoak. Adoptatu dugunok ere gure miseriak dauzkagu, gure arazoak, gure haserreak eta gure hipoteka maileguak. Batzuek bizitza egina izango dute, beste batzuk eguneroko zereginei heldu ezinik ibiliko dira. Guk ere, besteek bezalaxe, nahi dugunari ematen dizkiogu gure sosak, nahi edota ahal dugunean, eta adopzioaz, karitateaz eta elkartasunaz hitz egiten didatenean nire buruari zera galdetzen diot, ea ez ote den kontrakoa, ea ez ote den norberekeria. Ezen azken batean, haur bakarra adoptatu baitugu. Gai ginateke bi adoptatzeko. Edo hiru. Edo lau. Edo bost. Gai ginateke eta badakigu milaka direla gure beharra dutenak. Baina, guk ere ondo bizi nahi dugu. Ondo bizi ginen, ondo bizi gara eta halaxe jarraitu nahi dugu. Etxetik kanpo afaltzen jarraitu nahi dugu. Auto hobeak nahi ditugu, etxe handiagoak nahi ditugu, oporretara joan eta hondartzan eguzkiaren epelean etzanda egon nahi dugu. Dena nahi dugu, gizarte honetako gehienek bezalaxe, hobeto bizi nahi dugu. Eta, bai, gehienek bezalaxe, guk ere aitona-amonak esplotatzen ditugu haurrak jasotzera joan daitezen ikastolara, gu dirua irabazten lanpeturik gaudelako. Karitatea? ez dakit zer den, baina nago ez daukala zerikusirik adopzioarekin. Pragmatismoa Gogoan dut gaztetan mundua aldatu nahi nuela. Ez nintzen bakarra, zorionez, eta ni bezalakoak asko ginenez, lortuko genuelakoan geunden. Guk mundua aldatu munduak gu aldatu baino lehen pentsatzen genuen. Jakina, gu ez ginen izan lehenengoak horrelakoak pentsatzen baina -ai ene, zer den gaztea izatea-, ziur geunden gu izango ginela lehenengoak lortzen. Gaztetasunak dena edertzeaz gain dena errazten du. Gure porrot nabarmenak, ordea, pragmatikoagoak egin gaitu. Egun ez dut mundua aldatu nahi –beno, hau ere ez da guztiz egia, mundu ezberdin bat nahi nuke baina orain badakit ez dudala inoiz ikusiko-, eta konformatu egiten naiz pertsona bakar bat aldatzearekin. Eta badakit, Enararen bizitza aldatu egin dugula. Kontuz, baina, nik azpimarratu nahi dudan aldaketak ez dauka zerikusirik ekonomiarekin. Enara Europa zahar honetara ekarri izana aldaketa handia da beretzat, horretan ez dago dudarik, baina ez da nik preseski azpimarratu nahi dudana. Maitasunik eta laztanik gabeko haurtzaro batetik maitasunezko haurtzaro batera pasatzean datza aldaketa. Txinako umezurtz-etxeetako estatistiken artean zenbaki huts bat izatetik maitatuko duen familia bat izatera da aldaketa. Eta egokitu zaion familiaren kalitatea bermaturik ez badago ere –esana dut ez garela ez hobeak, ez perfektuak, ez beste munduko ezer, ezpada normalak baino normalagoak- gaude aldaketa Enarari gerta zekiokeen gauzarik onena zela. Zergatik ez? Nahi dugu, ahal dugu eta behar dute. Derrigorrez egin beharreko galdera eta “Zergatik?” galderaren aldean askoz ere gutxiagotan egiten dena honako hau izan beharko luke: Zergatik ez? ADOPZIOA Ez da erraza, ez. Etena egin ostean, badugu hari kronologikoari atzera heltzeko garaia. Esan bezala, eskaera 2004ko otsailaren 18an eraman genuen Txara eraikinera. Egun hartatik 2005eko urriaren 21era seiehun eta hamar egun igaro ziren, hogei hilabete pasatxo. Asko? Gutxi? Nondik begiratzen den. Bagenekien gure haurdunaldiak luze joko zuela eta uste dut epeei dagokienez bete-betean asmatu genuela. Badira askoz ere lehenago gauzatu diren adopzioak eta badira hiruzpalau urtez luzatu direnak, eta zerbait argi izan behar badu adoptatu behar duenak hauxe da, adopzioa ez dela abiadura lasterketa bat, ezpada fondo lasterketa. Herrialde bakoitzak iragazki ezberdinak jartzen ditu, eta burokrazia toki guztietan astuna izanik ere, toki batzuetan lehenago askatzen dute korapiloa eta besteetan gehixeago kostatzen zaie. Bataz bestekoa atera beharko bagenu, ziurrenik hogeita lau hilabeteren bueltan ibiliko ginateke, beraz, gu hortxe-hortxe egon ginen. Asko ala gutxi den, ezin esan. Esan daitekeena da egunak mantso doazela zain dagoenarentzat. Ez da erraza, ez, lasai egotea. Ez da erraza gogoa goian mantentzea. Sarri askotan, zain dagoen aita edo amaren gogoa zein bihotza, biak eskutik helduta, errusiar mendi bateko bagoi batera igotzen dira, eta hantxe geratzen dira, bagoitik jaitsi ezinik. Orain gora eta gero behera, ziztu bizian. Aurrerapauso bakoitza adrenalina dosi bat da, helmuga gertuago dagoen seinale. Baina bihotz taupadak lasaitzen direnean, hurrengo pausoa urrun ikusten da eta gogoa erortzen hasten da ibaia ur jauzian nola, eta sekula ez zarela helmugara iritsiko iruditzen zaizu. Guk bi helduleku erabili genituen jaitsierak zein igoerak samurragoak gerta zekizkigun. Alde batetik, “iritsiko da” esaldiari heldu genion, ahal bezain tinko heldu ere. Jendeak prozesuaz galdetzen zigunean, ea noizko izango zen edota ea urduri ote geunden galdetzen zigunean, guk gure makuluari heltzen genion eta “ez dakigu baina iritsi, iritsiko da” erantzuten genuen beti. Eta egia esatera, makulua lasaigarri izan zen harik eta gezur bilakatu zen arte. Izan ere, “iritsiko da” “iristear dago” bilakatu zenean, oso gertu geundela ohartu eta hurrengoa gure txanda iritsiko zela sumatzen hasi ginenean, orduantxe hasi ginen urduri jartzen. Baina une hura iritsi bitartean, “iritsiko da” horrek bere funtzioa bete zuen. Hori, alde batetik. Bestetik Garazi genuen, gure bi urte eta erdiko aingerutxoa. Nahikoa lan bagenuen Garazirekin eta ezin genuen denbora xahutu iritsiko zen baina artean iritsi gabea zen laguntxo horrekin. “Orain gure lehentasuna Garazi da, aurrerago gure denbora bi alaben artean partitu beharko dugu-eta” pentsatzen genuen eta ondo pentsatuta egongo da ziurrenik. Baina bitxia da oso, ezen, orain, Enarak gurekin bi urte pasa eta gero, behinola lan handitzat jotzen genuena –alegia, alaba bakar baten heziketa- hutsaren hurrengotzat jotzen baitugu egun. Maiz esaten da bigarren seme-alabak ez duela lana bikoizten, baizik eta hirukoitzen duela eta guztiz egia da. Gertatzen dena da ez zarela horretaz ohartzen tokatzen zaizun arte. Arestian esan bezala, guk bi helduleku erabili genituen itxaronaldia samurragoa izan zedin, eta eskerrak horri. Izan ere, zain zauden bitartean, mundua ez baita gelditzen. Lan egiten jarraitu behar duzu, etxea garbitzen, otorduak prestatzen. Adopzioari dagokionez, egokitasun agiria eskuratu behar duzu, paperak bete behar dituzu, paper horiek bidali, bidaia prestatu, informazioa bildu… Batzuei eramangaitza gertatuko zaie zain egotea, besteei burokraziaren kontrako borroka jasanezina irudituko zaie, baina gauza bat argi dago: aurrerapauso bakoitzak estres puntutxo bat ekartzen dio zain dagoenari, eta pixkanaka estresa desagertuko da, apika, baina estres horrek eragindako nekea pilatuz doa eta ez da hain erraz desagertzen. Gure kasuan nahikoa ondo eraman genuen prozesua, gehiegi nekatu gabe, baina ez da erraza, ez… Egokitasun agiriaz Lehenengo sei hilabeteetan ez zen ezer gertatu. Eta ez zen ezer gertatu gure administratzaileak lanez lepo omen zeudelako, ezin iritsirik. Lege batek zioen Gipuzkoako Foru aldundiak sei hilabeteko epea zeukala gure adopzio eskaerari erantzuteko eta egokitasun agiria lortzeari begiratutako azterketak zein elkarrizketak martxan jartzeko –oker ez banago, egun epea hiru hilabetekoa da-, eta gure kasuan Foru Aldundiak sei hilabeteak agortu egin zituen. Gure lehenengo estres puntutxoa izan zen. Egia da ez geundela urduri, baina egia da halaber, guztiz lasai ere ez geundela. Bagenekien, AFAC elkarteko web orrialdetik ateratako informazioa baikenuen, nolakoa izango zen egin beharreko azterketa. Lehenik eta behin, gizarte laguntzaile batekin bildu behar genuen elkarrizketa bat izateko. Bigarren pausoa psikologoari egin beharreko bisita, non bakarkako bilera batzuen ostean hainbat test psikologiko bete beharko genituen. Azkenik, gizarte laguntzaileak gure etxera etorri beharko zuen non bizi ginen eta haur adoptatuaren etxea nolakoa izango zen ikustearren. Bagenekien, beraz, zertan zetzan azterketa, eta bagenekien familia arrunt bat osatzen genuela, gu ginela, hain justu, adopzio prozesu batean dagoen haurrak behar zuena, eta jakiteak beti laguntzen badu ere, kezka txikitxo batekin edo, zehatzagoak izate aldera, ezinegon txikitxo batekin joan ginen lehenengo bilerara. Azterketa bat zen, gainditu beharrekoa, eta ez zaude lasai geratzen harik eta atzean uzten duzun arte. Jende askok ez du begi onez ikusten egokitasun agiria. Batzuek zorrotzegiak direla deritzote, gizarte laguntzaileak zein psikologoak gehiegi sartzen direla zure bizitzan. Jende asko biluzik sentitzen da, ezezagun aurrean larrugorritan, eta ez da erraza izaten. Behin baino gehiagotan entzun behar izan dugu honako galdera hau: Zergatik ikertu behar dituzte gure harremana, gure ekonomia, gure iragana eta gure familia? Aita eta ama biologikoak izateko ez badute egokitasun agiririk eskatzen, zergatik eskatzen digute guri haur bat adoptatu ahal izateko? Eta egia da, egia denez, edozein txoriburuk izan dezakeela haur biologiko bat, erantzuna adoptatu nahi dugun haur horrengan aurkituko dugu, gehiegi bilatu gabe aurkitu ere. Gogora dezagun ezen, adopzioaz ari garelarik, ez dugula bilatzen haur eder bat bikote batentzat, ezpada gurasoak haur batentzat. Bere gurasoek abandonatu duten eta oso denbora laburrean majo sufritu duen haur batentzat. Haur horren onura zein etorkizuna da jokoan dagoena. Hemengo nahiz jatorriko herrialdearen administrazioek ezin diete huts egin haur horiei, kosta ahala kosta bigarren abandonu bat ekidin beharra dago, eta, nire ustez, ziurtasun minimo bat bermatzea munduko gauzarik logikoena da. Sekula ez dago jakiterik, hala ere, etorkizunak zer ekarriko digun eta azterketa gainditzeak ere ez du berez erabateko bermea ekarriko, baina administrazioen lana da haur horiei ahalik eta bermerik handiena ematea. Sentimenduak azalera Sei hilabete joan ziren, eta azkenik iritsi zen gizarte laguntzailearen deia. 2004ko uztailaren bukaera zen eta Garazi amonarekin utzita Txarara joan ginen. Ez geunden urduri, baina behin baino gehiagotan aipatu dudan ezinegon puntu bat bagenuen barnean. Elkarrizketa Larraitz eta bioi batera egin zigun gizarte laguntzaileak eta oso galdera orokorrak egin zizkigun. Alde batetik gure motibazioaren ingurukoak izan ziren: ea zergatik adoptatu nahi genuen, ea zergatik Txinan, ea zer espero genuen, zailtasunen berri ba ote genuen, eta antzeko galderak izan ziren. Bestetik gure harremanaz, bizimoduaz eta gure familiez. Ea noiztik geunden ezkonduta, ea zertan egiten genuen lan, ea nolakoak ziren gure gurasoak, nolakoak anai-arrebak, ea non bizi ginen, nolakoa zen gure etxea, eta abar. Ordubete pasatxo egongo ginen gizarte laguntzailearen bulegoan eta handik ateratzean lasaiago geunden. Ez zen batere zaila izan eta gure kezka bakarra etxeari buruzko galderen ingurukoa izanik –aurrerago hitz egingo dizuet zergatik- gaiaz ez zuela gehiegi galdetu ikustean lasaitu ederra hartu genuen. Gainera, etxera egin beharreko bisita bertan behera utziko zutela jakinarazi zigun –lanez lepo omen zeuden, iritsi ezinik- eta horrek ere lagundu zuen. Esan bezala, ez zen oso zaila izan eta psikologoaren deiaren zain geratu ginen. Aste pare bat geroxeago deitu zigun psikologoak eta, aurrekoan ez bezala, ez ginen Txarara joan behar izan psikologoaren kontsulta Amara auzoan baitzegoen. Eta gizarte laguntzailearekiko bilera ez bezala, psikologoarekin gauzak ez ziren hain samurrak izan. Ez dut esango gaizki pasa genuenik, ez bailitzateke guztiz egia izango, baina bai lehenengo bilera baino gogorragoa izan zela eta hor bai sentitu ginela interneteko foroetan irakurria genuen bezala. Hiru bilera izan ziren guztira. Lehenengoan Larraitz eta biok batera artatu gintuen psikologoak eta galderak orokorrak izan ziren, gizarte laguntzaileak Txaran egindakoen oso antzerakoak. Bigarren hitz orduan banakako elkarrizketak iritsi ziren. Larraitz lehenago sartu zen psikologoaren bulegora eta nik bitartean bizpahiru test psikologiko egin nituen. Ordu erdi beranduago ni sartu nintzen eta Larraitz atera zen test psikologikoak egitera. Eta gogorragoa izan zen ezen bat-batean sentimenduez eta oroitzapenez hitz egiten hasi baikinen, bikotearekiko sentimenduez, bikotearen akatsez zein dohainez, harremanez, bai bikotearekikoaz bai eta familiarekikoaz ere, txikitako oroitzapenez, zure aitaren izaeraz, zure amarenaz, eta etorkizunaz, ametsez zein asmoez. Eta nago ez gaudela ohituta gure buruaz hitz egiten, aipatu gai guztiez zer kontaturik izan badugula baina oso gutxitan azaleratzen ditugula, normalean isilpean izaten ditugun kontuak direla. Asko kostatzen zaigu gure buruaz hitz egitea, bai, eta gaizki pasa ez banuen ere, argi daukat banakako elkarrizketa hura izan zela, egokitasun agiriari dagokionez behinik behin, unerik gogorrena. Hirugarren bilera bat ere izan genuen, eta bilera hartara Garazi eraman genezan eskatu zigun psikologoak. Hogei bat minutuko saio txiki bat izan zen, nahikoa eta sobera ikusteko Garazi bi urteko ume arrunta zela frogatzeko. Eta kitto. Psikologoarekiko bilerak hortxe amaitu ziren eta berriro ere itxoitea zen gure zeregin bakarra. Psikologoaren txostenaren zain egotearen alderik txarrena zera izan zen, galdera makurrak egiten dizkiozula zure buruari: normalak al ginen? zer pentsatuko zuen psikologoak? Izango al genuen ezusterik? Galdera makurrak ziren zeren guk jakin baikenekien oso familia arrunta ginela, zentzu handirik gabeko zalantzak zirela gureak baina zain zaudenez eta beste egitekorik ez duzunez… hamabost bat egun joan ziren harik eta psikologoak bere txostena bidali zigun arte, eta bai, bagenekiena irakurri ahal izan genuen. Erantzunaren zain Ez ginen hasi Txinara bidali beharreko txostena prestatzen harik eta egokitasun agiria eskuetan izan genuen arte. Ez genuen presarik eta urratsez urrats joatea erabaki genuen. Egokitasun agiria urriaren 21ean iritsi zitzaigun, eta orduantxe hasi ginen prestatzen. Gauza asko ziren prestatu beharrekoak: jaiotza zein ezkontza ziurtagiriak, diru-sarreren zein jabetzen aitorpenak, lanbide ziurtagiria, osasun txostena, zigor-aurrekarien ziurtagiriak, egokitasun agiria eta psikologoaren txostena. Burokrazia honi guztiari zerorrek prestatu beharreko batzuk ere gehitu behar zitzaizkion, hala nola, eskaera gutun bat China Center of Adoption Affairs erakundeari zuzendua, nazioarteko txeke batzuk itzulpenak ordaintzeko eta familia argazki album txikitxo bat. Ikus dezakezuenez egitekoen zerrenda luzea da baina ez dauka zailtasun berezirik. Paperak prestatzeko garaian zalantza bat edo beste izan genuen -burukominik handiena nire lanbide ziurtagiriari zor diogu, egun haietan lana utzita baineukan idazteari begirako eszedentzia batean- baina AFACeko web orrialdeko foroari zein artean ezagutzen ez nuen Itsaso izeneko donostiar bati esker dena konpondu ahal izan genuen eta bi hilabeteren bueltan Txinara bidali beharreko txostena Txaran aurkezteko moduan geunden. Bigarren itxaronaldi luzearen txanda iritsia zen. Behin txostena prestatu eta bidali ostean, hurrengo pausoa sarrera data jakitea zen, alegia, Txinako gobernuak gure txostena zein egunetan jaso zuen jakitea. Horixe genuen hurrengo mugarria, garrantzitsua erabat, data horrek zure seme-alabaren asignazioa noiz iritsiko den adierazten baitu. Garai batean, sarrera data eta asignazioaren arteko tartea guri egokitu zitzaiguna baino askoz ere handiagoa zen. Hamabost, hemezortzi, edota hogei hilabete ingurukoa izaten zen. Garai urrun haietan –edo ez hain urrunak mende honen hasierako txostenez ari baikara- Txinako gobernuak hilabeteka bidaltzen zituen asignazioak Madrilera, eta era horretan jakin zenezakeen noiz iritsiko zen zure txanda. Denbora gehixeago edo gutxixeago beharko zuen iristeko. Baina esana dut adopzioak errusiar mendi baten antza daukala eta aldaketak edozein unetan gerta daitezke. Gure txostena tramitatzen ari ginela bi aldaketa izan ziren, bata ona eta bestea txarra. Antza denez, Txinako gobernuak astindua eman nahi izan zion gaiari eta asignazioak gero eta azkarrago iristen hasi ziren. Hamabi, hamar, bederatzi, zortzi hilabete… zurrumurruek zioten sei hilabetera ere jaitsiko zela asignatzeko epea eta horrek esan nahi zuen gure seme-alabak gertuago zeudela. Aldaketak, baina, alde txar bat zekarren gordeta. Izan ere, Txinatik jada ez ziren hilabeteak osorik bidaltzen eta horrek kirioak dantzan jartzen zizkigun. Antza, txosten kopuru bat pilatzen zitzaienean, horixe bidaltzen zuten. Zeren arabera? Ezin jakin, asignazio kopuruak ezberdinak baitziren baliza diplomatiko bakoitzeko. Aldaketa horren ondorioz gerta zitekeen, esaterako, hilaren hogeiko sarrera data zuen asignazioa iristea eta hilaren hogeita batekoa hurrengo txandaren zain geratu behar izatea. Egun, ordea, bagoia aldapan gora doa errusiar mendian eta, mende hasierako egoerara itzuli da. Egun, 2008ko uda honetan, hogeita lau hilabete inguru joaten dira sarrera data eta asignazioaren artean. Zergatik? bada, berriro ere, ezin jakingo dugu zein den erantzuna. Baliteke Beijingo olinpiadek zer ikusirik izatea honetan, baina auskalo! Dena den, sei, hamabi edota hogeita lau hilabete, berriro diot, denbora oso mantso doa seme-alabaren aurpegia noiz ikusiko zain dagoenarentzat. ¡Febrerines! Azkenean, 2005eko martxoan edo, jakin genuen zein zen gure txostenaren sarrera data: 2005eko otsailaren 5ekoa zen. Otsailekoak ginen edo AFACeko web orrialdetako foroetan esaten zuten bezala, “Febrerines”. Hari gorria tenkatuta zegoen berriro eta hariaren bukaeran Enara zegoen, ordurako izena aukeratua baikenuen. Kalkuluak egin genituen berriro eta asignazioen erritmoa nolakoa zen ikusita abuztuan iritsiko zela pentsatu genuen. Eta gure poza sekulakoa zen. Ez genekien non baina bagenekien han, Txina urrun eta erraldoiaren tokiren batean, Enara zegoela gure zain. Ez genekien zehazki zein datetan baina bagenekien ordurako jaioa zela, bai eta, ziurrenik, abandonatua izan zela ere. Ez genekien nork utziko zuen umezurtz-etxean, baina bagenekien ama bat sufritzen egongo zela, ezin imajina dezakegun era batean sufritzen. Eta bagenekien zain egotea beste aukerarik ez genuela eta ahalik eta ondoen eraman behar genuela. Baina orduan “iritsiko da” esaldia bilakatu zen “iristear dago” eta handik aurrera eromena izan zen. Haurdunaldiaren azkenetan geundela jakiteak sortzen zigun urduritasuna gutxi balitz, eta gauzak apur bat zailago jartze aldera, etxearen arazoa izan genuen 2005eko lehenengo hilabete haietan. Arestian aipatu legez, egokitasun agiria lortzeko garaian etxea izan genuen burukominik handiena. Izan ere, etxez aldatzekotan baikeunden. Ez dakit zenbat hilabete aukera ezberdinak aztertzen ibili ostean, berrogei bat etxe bisitatu eta horietako bat aukeratu ostean, aukeratutako horri baiezkoa ematera gindoazela, azken bisita bat proposatu ziguten higiezinen agentziakoek. Eta bizitza zer den, azken hura izan zen guk nahi genituen baldintza guztiak betetzen zituena!. Azkenean, hilabete askoko sufrimendua di-da batean desagertu zen eta hiruzpalau egunetan gure etxea saldu eta bisitatu genuen azken hura erosi genuen. Balirudike horrekin arazoa konponduko genuela baina ez, hortxe sortu zitzaigun buruhauste berri bat, erosi genuen etxean obra handia egin behar baitzen eta abuztura arte ez zutela bukatuko esan zigun obrako arduradunak. Gure etxea, alegia, saldu behar genuena, ekainaren 30ean utzi beharko genuela esan ziguten erosleek. Non sartuko ginen uztailaren lehen egunetik etxe berriko lanak bukatu arte? Garaiz bukatuko al zuten obra? Eta Txinarako bidaiatik itzultzen ginenerako oraindik bukatu gabe bazegoen, zer egingo genuen orduan? Trintxerpeko aitona-amonen etxera joango ginela erabaki genuen. Nola edo hala moldatuko ginela esaten genion elkarri. Bai, nola edo hala moldatu beharko genuen. Arestian esan bezala, hilabete haiek erotzeko modukoak izan ziren. Alde batetik mudantza bat izan genuen, bestetik etxe berriko obraren lanak, eta azkenik adopzioaren asignazioa non ezin genuen ezertxo ere egin, zain egon besterik. Zain egon gurea ez zen etxe batean. Gustura geunden, jakina, ondo moldatzen baikara gurasoekin, baina zazpi urte zure gurasoen etxetik at egon ostean itzultzea ez da samurra. Ohitura batzuk bagenituen, gauzak egiteko modu batzuk, ez onak ezta txarrak ere, gureak baizik eta gurasoen etxera atzera bueltatzean ohitura haiek guztiak moldatu behar izan genituen. Gogoan dut egun haietan guztietan interneten hutsunea nabaritu nuela gehien. Internet genuen arnasbide eta amets biltegi. Internetetik izaten genituen asignazioen berri eta internet bidez jasotzen genituen gu bezala zain zeuden beste guraso batzuen poztasunak zein malkoak. Internet genuen topaleku, eta nire gurasoen etxean internetik ez! Ez dut gogoratzen baina esango nuke uztail eta abuztu haietan ez nintzela behin ere hondartzara joan. Izan ere, uda hartako oroitzapen guztiek liburutegietako KZ guneetara eta etxe berriko lanetara bainaramate. Hura bai, estres eroa, hura! Baina tira, bizitza honetan gauza guztiek dute bukaerarik eta gure sufrikarioari ere iritsi zitzaion berea. Ez zen izan guk kalkulatu genuen bezala, abuztuan alegia, baizik eta irailean. Eta jakina, etxeko lanak artean amaitu gabe zeuden. Baina ez zuen axola. Asignazioa iritsia zen. Baina ze txikia den! 2005eko irailaren 10ean deitu ziguten Txaratik. Larunbata zen eta egun batzuk ziren bagenekiela gure asignazioa iritsia zela Madrilera. Madrildik Donostiara bidali behar zuten eta ostiralean deirik gabe jaso gabe geundenez, astelehena arte itxaron beharko genuela pentsatu genuen. Donostiako erdiguneko kafetegi batean geunden esku telefonoak jo zuenean. Txaratik deitzen zigutela entzun nuen eta bihotz taupadak azkartu egin zitzaizkidan. Zarata handia zegoen eta kalera atera behar izan genuen ondo entzuteko. Itxoiteko agindu nion neskari, ez nuela ondo entzuten, baina kanpoan ere trafikoaren zarata zegoen. Eta hatz bat belarri batean eta burua denda bateko erakusleiho baten kontra jarrita jakin genuen Enara neskato txiki bat zela, 7 hilabete besterik ez zituela eta Chongqing izeneko hiri batean zegoela gure zain. Gure alabak Feng Fu Han zuen izena baina gogoan dut izena ezin izan nuela ondo entzun. Astearterako jarri ziguten hitz ordua eta orduan izango genuen bere aurpegia ikusteko aukera. Eta gizarte laguntzaileak zoriondu egin gintuen. Telefonoa eskegi eta elkar besarkatu ondoren, Larraitz eta biok pentsamendu bera ahoratu genuen. “Ai ene! Baina ze txikia den!”. Ezuste galanta gurea, ez baikenuen hain txikia izatea espero. Beno, egia esatera, ez genekien zer espero genuen zehazki, ezta, adinari zegokienez behinik behin, zer nahiago genuen ere. Aukeran neskato bat nahiago genuen, ezin uka, baina sexuak ere ez zuen garrantzi handirik. Kontua da imajinazioaren abiadura errealitatearena baino askoz ere handiagoa dela eta aukera guztiak aurreikusita ez baizik eta aurreimajinatuta genituela. Neska izatea, mutila izatea, txiki-txikia izatea, urte eta erdi inguru edukitzea… aukera guztiak aldez aurretik imajinatuta genituen. Gainera astebete lehenagotik, asignazioak Madrila iritsi zirenetik alegia, jakin bagenekien haurrak zein probintziatakoak ziren –haur guztiak erdialde zein hegoaldekoak ziren-, batzuk Beijingetik mila kilometrora zeudela eta beste batzuk bi mila kilometrora, probintzia batzuetara hogei familia joango zirela eta beste batzuetara bi familia baizik ez zirela joango… Esan bezala, aste hartan bereziki baina baita aurreko hilabeteetan ere, gure irudimenak Txinara jotzen zuen behin eta berriro. Nolakoa izango ote zen gure alaba? Osasuntsu egongo al zen? Non egongo ote zen? Guangdong-en? Guanxi-n? Chongqing-en? Nolakoak ziren hainbestetan irakurritako toki haiek guztiak? Hainbestetan aztertutako Txinako maparen zein tokitara eramango gintuen patuak?... Adopzioa galderez jositako ibilbidea da eta dei zoragarri haren ostean erantzun batzuk bagenituen ere, artean pauso garrantzitsuak genituen emateko. Argazkiko umea Enara Fuhan 2005eko irailaren 13an ezagutu genuen, Larraitz eta bion zortzigarren ezkontza-urteurrenaren egunean hain justu. Txaran genuen hitz ordua, goizeko bederatzietan. Garazi ikastolan utzi behar izan genuenez gero, beranduxeago iritsi ginen hitz ordura eta iritsi bezain pronto gela batera eraman gintuzten. Berehala ohartu ginen gu ginela azkenak. Zazpi familia ginen guztira eta euren zoriontasun irribarre zabalek jakinarazi ziguten ordurako denek ezagutzen zituztela euren alabak. Une hartantxe ezagutu genituen Maxe eta Mikel, Puru eta Marisa, Erre eta Itsaso, interneten bidez “ezagutzen” genituenak eta gerora gure bidelagunak izango zirenak. Urduri geunden, zer egin jakin gabe, eta gure kartazalaren zain geunden bitartean, gure asignazio kideen alaben argazkiak ikusten egon ginen. Minutu pare bat geroago gizarte laguntzailea agertu zen gure txostena esku artean zekarrela. Eta kartazala eman aurretik zera jakinarazi zigun, denbora gutxi genuela, bilera gela askorik ez zutela eta handik gutxira hustu beharko genuela gela hura. Eta ez ahazteko onarpena sinatzea –alegia, haurraren asignazioa onartzen duzula dioen papertxo bat sinatzea-. Handik gutxira Yun izeneko itzultzaile txinatar bat zen etortzekoa, osasun txostena txineraz soilik edota txineraz zein ingeleraz idaztitakoa baitzegoen. Egun batzuk lehenago, asignazioaren zain geundenon artean zera erabaki genuen, garrantzitsua zela itzultzaile baten lana kontratatzea, eta ahal izanez gero asignazioaren egunean bertan gurekin egon zedin nahi genuela, osasun txostena garrantzitsua baitzen oso eta nola sinatuko genuen onarpena itzulpen hura izan gabe. Denboraren poderioz ohartu gara itzulpen hura, Yunek korrika eta presaka egin zigun itzulpen hura, lasaigarri baten antzekoa zela eta era horretan hartu behar zela, garrantzitsua izanagatik ez zela inolaz ere garrantzitsuena. Izan ere, onarpena sinatzeko unean kontutan hartu behar duzun gauza bakarra argazkia baita. Zalantzarik izanez gero, hobe duzu kartazala ireki gabe uztea. Horixe da atzera egiteko azken aukera ezen, behin kartazala ireki eta argazkia ikusi ostean, ez baitago atzera bueltarik. Argazkia ikusi eta bat-batean sentitzen duzu bi begi txiki horiek zure alabarenak direla, zure alabarenak eta ez beste inorenak. Eta sentitzen duzu horrela izan behar zuela, begi horiek baino ezin zirela izan, eta ondorioz, horiek direla. Une horretan ez dago galderentzako tokirik, aurrerago etorriko dira etorri behar badute, baina ez une horretan. Ez duzu pentsatzen zenbat jende egon ote den zure alabaren ondoan hilabete haietan guztietan. Eta ez duzu pentsatzen, aurrerago bai baina ez kartazala ireki eta argazkia ikusi ondorengo minutuetan, ama batek presa baten ondoan utzi zuela bere alaba, zure alaba, eta pertsona batek, kontu handiz eta apur bat beldurtuta ziurrenik, lurretik hartu zuela eta poliziari hots egin ziola, eta polizia batek bere magalean hartu zuela eta ospitale batera eraman haur negarti hura, zure alaba, eta ospitalean artatu zutela eta handik hiriko umezurtz-etxeko arduradunei abisua pasa zietela, han bazutela presa baten ondoan utzitako ume bat eta joan zitezela bila, ahalik eta azkarren, eta zaindari bat ospitalera hurbildu zela eta handik eraman zuela neskato hura, zure alaba, umezurtz-etxera. Eta ez duzu pentsatzen, pragmatikoak izaten badugu eskarmentu nahikorik, pertsona batzuek zaindu egin zutela haur hura, bere osasunaz arduratu zirela, eta arduradun batek erabaki zuela ume hura egokia izan zitekeela adopzioan emateko eta zerrenda batean sartu zuela. Eta ez duzu pentsatzen, jakina, argazkilari bat hiriko umezurtz-etxera joan zela bertako haurrei argazkiak ateratzera eta zure alabari argazki bat atera ziola, ederki kostata ziurrenik, ume hauek ez baitira geldirik egotekoak, eta argazki hura paper batean inprimatu zuela eta administrari batek paper hura beste batzuekin batera bildu zuela eta bidali zuela hegazkinez Beijingera, han baitago horrelako gaiez arduratzen den jendea. Eta han, “Maching Room” izeneko gela bateko ordenagailu batean, funtzionario batek zure argazkia eta haur horren argazkia, zure alabaren argazkia, jarri zituela bata bestearen ondoan, eta funtzionario hura, pertsona maitagarri hura, berehala konturatu zela ume hura zure alaba zela, horrela izan behar zuela eta zu zinela, ezinbestez, haur haren aita. Ez, jakina, ez duzu horrelakorik pentsatzen eta ez dago aipatu pertsona horiekin gogoratzeko denborarik. Pentsatzen duzuna zera da, badela garaia zure alabaren bila joateko. Txara ondoko tabernan Hurrengo mugarrirainoko denbora tartea nahikoa motza izan zen, berrogei egun eskas izan ziren baina denetan gorabeheratsuenak. Errusiar mendiko gorako zein beherako aldapak inoizko luzeenak izan ziren, batik bat, bidaiaren xehetasun guztiak ondo bideratuta egon ziren arte. Irailaren 13ko asignazioak jarraipena izan zuen Txara ondoko taberna batean, bilera gelatik atera behar genuela esan zigutenean. Yunek itzulpenak ahoz egiteari ekin zion eta txosten bakoitzeko 20-30 minutu behar zuenez luze jo zuen goizak. Bitartean, gure alaba berrien argazkiak ikusteari lotu gintzaizkion, eta lerdea zerigula, beste bikoteei erakusten genizkien argazki haiek, eskuartean genuen informazioa elkarri ematen genion eta Txinara egin beharko genuen bidaiaz mintzatzen ginen. Bi bikote hegoaldeko probintzia batera ziren joatekoak, Guandong-era hain zuzen, guretzat probintzia hura zen ezagunena, bertakoa baita Cantongo sukaldaritza ospetsua. Beste bi familia Hunan-era joango ziren, eta gu Chongqingera. Erre eta Itsasoren alabaren txostenak, ordea, umezurtz etxearen izena bai, baina probintziaren izena ez zuen zehazten. Non ote zegoen Aintzira? Internetik ez genuenez, Itsaso tabernako telefonotik ibili zen deika umezurtz etxe hura non ote zegoen jakite aldera, eta kostata izan bazen ere azkenean jakin genuen. Erre eta Itsasoren alaba ere Chongqingen zegoen, gure Enara bezalaxe! Bitxia da oso ezen Itsaso irailaren 13 hartan ezagutu bagenuen ere, gure harremana askoz ere lehenagokoa baitzen, urtebete inguru baikeneraman posta elektronikoak elkarri bidaltzen. Interneteko foroetan jende asko ezagutzen duzu baina oso jende gutxirekin lortzen duzu harreman bat izatea. Mezu haietan elkarri kontatzen genizkion gure prozesuen gorabeherak, gure zalantzak eta gure pozak, gure aurrerapausoak eta etenaldiak. Eta bizitza zer den, egun berean ezagutu genituen gure alabak eta, are gehiago, egun berean jakin genuen toki berean egongo zirela gure zain! Yunen ahozko itzulpenak entzun ostean denok sinatu genituen onarpenak eta mezulari baten bidez onarpen haiek Beijingerako bidean jarri genituen. Lehenbailehen egin beharreko tramitea zen hura, Txinara bidaiatzeko Txinako gobernuaren gonbidapen gutun bat jaso behar baitzen eta zenbat eta lehenago bidali onarpena, orduan eta lehenago bidaliko zuten gonbidapena. Eta lehen urrats hura egin ostean, aurkezpenen txanda iritsi zen. Telefonoaren faktura puztu zuena Suposatzekoa denez, pozez gainezka geunden eta berehala hasi ginen gure alabaren argazkia erakusten. Enararen argazkia ikusten lehenengoa Garazi izan zen, zeinak apur bat beldurtuta begiratzen zion haur horren irudiari, zer gertatzen ari zen ulertu gabe. Garazik bazekien ahizpa bat ekartzekotan ginela baina hiru urte besterik ez zituen eta, jakina, artean ez zekien zer nolako aldaketa ekarriko zuen txikiak. Gero aitona-amonen eta osaba-izeben txanda iritsi zen eta argazkiaren kopiak egin behar izan genituen denei emateko. Enararen argazkia posta elektronikoaren bidez helarazi genien lagunei –laguntza eskatu behar izan genuen, artean aitona-amonaren etxean baikeunden, inkomunikaturik- eta horrela joan zitzaizkigun egun batzuk, gure poza lau haizeetara zabaltzen eta mundu guztiari gure txikitxoaren argazkia erakusten. Hala ere, azkar mugitu beharko genuen Enararen bila joango baginen eta gauza asko genituen zehazteke. Aurreko hilabeteetan irakurria genuen guk bezala otsaileko sarrera data zuen jendea hasia zela bidaia prestatzen. Familiek mezuak uzten zituzten euren asmoak azaltzen, batzuek bere kasa joateko asmoa zuten, beste batzuk NAEL baten zerbitzuak kontratatzekoak ziren, eta bagenekien AFACek berak bidaia bat antolatzeko asmoa zuela. Guk, ordea, gure kasa joango ginela erabaki genuen, NAEL baten zerbitzua kontratatu gabe, baina horretarako sei bat familiak osatutako taldetxo bat sortu behar genuen, gastuak ikaragarri handiak izan ez zitezen. Asignazioko egunean ezagututako familien artean lau prest geunden gure kasa joateko. Haatik, gure helmugek ez zuten bat egiten: bi familia Chongqing-era eta beste bi Hunan-era. Interneteko foroetan iragarkiak jarri genituen baina egunek aurrera egin ahala ohartu ginen ordurako familia gehienek bidaia antolatua zutela eta gutxi zirela bidaia itxi gabe zutenak. Noiz bidaiatu ere izan genuen burukomin. Izan ere, AFAC eta beste NAEL bat urriaren 28an edota azaroaren lehenengo astean ateratzeko asmotan bazeuden ere, gurekin taldea sortzeko prest agertu ziren guztiek bi aste lehenago atera nahi zuten, urriaren 14an, hain zuzen. Horrek suposatzen zuen Txinako gobernuak bidali beharreko eta bidaia egiteko derrigorrezkoa zen gonbidapen gutunak denbora gutxiago izango zuela gure eskuetara iristeko, eta ez genekien arrisku hura onartzeko prest ote geunden. Mezu eta dei asko jaso genituen egun haietan eta behin baino gehiagotan egon ginen bai Chongqing-erako bai Hunan-erako taldeak osatzekotan, baina gauza bat zela eta bestea zela, beti geratzen ginen taldea osatu gabe. Baina arazo hark, gure telefonoaren faktura horrenbeste puztu zuen arazo hark, izan zuen azkenik konponbiderik. Galiziako familia bat, gure egoera berean zegoena, gurekin etortzeko prest azaldu zen eta Emakumearen Agentzia izeneko erakunde txinatarrarekin harremanetan jarri ginen ea posible ote zen bi probintzia ezberdinetara joanagatik gurea talde bakartzat jotzea. Erantzuna baiezkoa izan zen eta dena prest bidali ziguten, egutegia eta guzti. Urriaren 22an hartuko genuen Beijingerako hegazkina. Beijingetik bi familia Hunan-era joango ziren eta hiru Chongqing-era. Urriaren 25ean hartuko genituen haurrak eta astebete geroago, probintzian egin beharreko guztiak amaitu ondoren, Beijingen elkartuko zen berriro taldea, hiriburuan egin beharreko tramiteak burutzeko. Kostata izan bazen ere, azkenik dena genuen erabakita. Hegazkinerako txartelak erostea baizik ez zitzaigun falta. Hari gorriaren bukaeran ginen eta Enara gero eta gertuago zegoen. Zirimiria Tentatuta nago, behin puntu honetara iritsita, gezur txiki bat esateko. Garrantzirik gabeko gezurtxo bat litzateke, narrazio honi egiazkotasunik batere lapurtuko ez liokeena baina testuari kohesioa emanez aurrera egiten lagunduko liokeena. Arestian esana dut asignazioaren unean, Enararen argazkia ikusi ondorengo minutuetan, ez ginela oroitu bidaia luze honetan garrantzi handia izan zuten hainbat lagunekin. Eta hori egia da, egia denez, asignazioaren unean gure arreta guztia Enararen argazkiari eskaini baikenion. Eta aitorpen hau egin ostean, zera esan nezake, egun haietako estresa amaitu zenean, bidaiatzeko plana zehaztu eta hegazkinerako txartelak erosi genituenean, soilik une hura iritsi zenean, orduantxe izan genuela hausnarketarako betarik eta orduantxe oroitu ginela arestian aipatutako lagun haiekin guztiekin. Tentatuta nago hori idazteko, bai, testuari lotura emango bailioke, baina gezurra litzateke. Garrantzirik gabeko gezur txiki bat, baina gezurra azken batean. Izan ere, lagun horietako bat presente egon baita gure bizitzetan prozesuaren hasiera-hasieratik: Enara Fuhanen ama biologikoa, hain zuzen ere. Presente egon zen, presente dago eta presente egongo da baita etorkizunean ere. Eta presente dagoenez gero, bada garaia ama biologikoaz eta berarekiko sentitzen dugunaz hitz batzuk egiteko. Munduan milaka haur abandonatzen dira urtero. Ezin jakingo dugu zenbat diren zehazki, baina ziur naiz Unescok, NBEk edo horrelako erakunderen batek izango duela datua hor nonbait. Iaz X ume abandonatu ziren munduan. Aurten Y. Datorren urtean Z izango dira. Abandonatutako haurrak kopuru bat dira, matematika hutsa. Badakigu horrela gertatu dela eta badakigu, halaber, etorkizunean ere horrela izango dela. Ez naiz gehiegi luzatuko arrazoien inguruan. Ez naiz mintzatuko goseteez ezta lehorteez. Ez dut txintik ere esango gerrez. Gizakiok garen bezalakoak gara, eta historian zehar hamaika aldiz frogatu dugu ez garela gai gure mundu hau kudeatzeko; gure ezintasuna oso nabarmena da eta iritsiko da eguna non eskuartean darabilgun altxor preziatu hau pikutara bidaliko dugun. Sentitzen dut baina nago honek ez daukala konponbiderik. Hitz egin genezake, esaterako, Bogotako estoldetan bizi diren haurrez. Edota Moskun kola esnifatu ondoren turistei lapurtzen saiatzen diren mukizuez. Edota gure esku-telefonoek funtziona dezaten Kongoko kobalto meategietan hiltzen diren haurrez. Hitz egin genezake, bai, eta zerrenda ikaragarri handi bat egin, munduaren luze-zabalean asko baitira adibideak. Ez nuke, baina, ezer berririk esango, ezaguna baita haurra dela heriotzaren kate amaigabe honetan kate-begirik ahulena, beti erdiz erdi puskatzen dena. Sobera ezaguna da, hain ezaguna non nahiago baitugu ezer gehiago ez jakin. Zirimiria bezalakoxea da: busti egiten gaitu baina fin-fina den bitartean ez zaigu inporta. Hiru zutabe Txinan abandonatutako haurrei dagokienez, arazo ekonomiko, politikoak eta kulturalak elkartzen dira koktel handi batean. Ekonomiari dagokionez, ezberdintasuna ez da iparra eta hegoaren artekoa, ezpada kostaldea eta barrualdearen artekoa, hiria eta nekazal munduaren artekoa. Aberastasunak kostaldera egin du eta bertako hirien hazkundea kontrolik gabekoa izan da. Bi mundu sortu dira eta bi mundu horien arteko aldea gero eta handiagoa da eta, telebistatik ikusten dituzten argi distiratsuek erakarrita, milaka nekazari iristen dira egunero-egunero hiri handietara, ezer gehiago ematen ez duen mundu batetik ihesi. Zoritxarrez ezagutzen dugu zein den horren emaitza: Txinako kostaldean gutxi batzuk ikaragarri aberasten ari dira ezer gabe iristen diren gizajoen lepotik. Koktelaren bigarren osagaia politika da, ume bakarraren politika ospetsua hain zuzen ere. Eta egun arazo potolo samarra bada ere, are potoloagoa izango da etorkizunean. Txinatarrek ume bakarra izan dezakete. Badira zonalde batzuk lege hau betetzetik salbuetsita daudenak eta landa eremuetan txinatarrek bi seme-alaba mundura ditzakete baldin eta lehenengo haurra neska bada. Nekazariek, ordea, nahiago dituzte mutilak neskak baino, lurra lantzeko egokiagoak direlakoan. Baina ez horregatik bakarrik, eta hemen kontutan hartu behar dugu hirugarren osagaia, osagai kulturala alegia. Izan ere, semea edo alaba jaiotzeak zerikusi handia baitauka zahartzaroarekin. Alaba ezkontzen zaizunean, senarraren etxera joango da eta senarraren gurasoak zainduko ditu zahartzaroan. Txinan mutilek ziurtatzen dute gurasoen zahartzaroa. Egunen batean neskak alde egingo du etxetik eta gurasoak bakarrik utziko ditu. Beraz, aukeran mutila nahiago dute neska baino, eta nahi horrek politikaren mundura eramango gaitu berriro ere. Txinako gobernuak neurri zorrotzak hartzen ditu ume bakarraren legea bete dadin. Deskuiduan bigarren umea munduratzen baduzu, isun ikaragarri handia jasoko duzu opari. Eta umea abandonatzea delitua denez, bigarren haurdunaldi batek bizitza demas zailduko dizu non eta ekografiak debekatuta dauden gizarte batean. Baina ez dira hor amaitzen arazoak. Aipatu arazoak, nolabait esatearren, pertsonalak dira, baina ume bakarraren politikak gizarte mailako arazoak ekarriko ditu etorkizunean. Izan ere, urte batzuen buruan milioika gizonezko bikoterik aurkitu ezinik egongo baita eta hori ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula, Txinako populazio ofiziala 1300 milioitik gorakoa dela kontutan hartzen badugu –hala ere, datu ez-ofizialek diote askoz gehiago direla txinatarrak, landa eremuetan jaiotako ume asko sekula ez baitira ofizialki jaio. Eskerrik asko eta zorte on Gauzak horrela, guk ez dakigu zergatik abandonatu zuen Enara bere ama biologikoak, ezta neba-ahizpa biologikorik ba ote duen. Ez dakigu pobreziak bultzatuta utzi zuen kale gorrian ala isun ikaragarri handi bati zion beldurrak eraman ote zuen Enara abandonatzera. Ez dakigu deus ere. Dakigun gauza bakarra “abandonu” hitzak ez duela esanahi bera gure gizartean edo hirugarren munduan. Gurean daukan kutsu negatiboa izugarria da. Gure gizartean txakur zaharrak abandonatzen ditugu, maite ez duguna, ezertarako balio ez duena. Zerbaiterako balio duena ez dugu kalean uzten. Auto zaharrak, trasteak, modaz pasatako altzariak… horrelakoak dira abandonatzen ditugun gauzak, ez haurrak. Eta haurraz arduratzeko gai ez denak badaki gizarte honek bitartekoak jar ditzakeela, gizarte laguntzaileak daudela adingabeez arduratzen direnak. Gurean oso gutxi dira zakarrontzi batean aurkitzen diren haurrak, hain gutxi non gertaera berehala bihurtzen baita notizia, eta orduan telebista kateak zein egunkarietako argazkilariak zakarrontziaren ondora hurbiltzen dira ziztu bizian, eta ziztu bizian jakinarazten digute haurra zilbor-hestea oraindik ebaki gabe aurkitu dutela hipotermiak hilik, eta orduan denok bat gatoz haur horren ama epaitzeko garaian. Zorionez, gurean oso gutxitan gertatzen da horrelakorik lehen munduan bizi garelako. Hirugarren munduan, ordea, abandonu hitzak esanahi ezberdina dauka. Nago, edo hala dela sinetsi nahi dut behintzat, haurra abandonatzea maitasun froga ikaragarri latz bat izan daitekeela, arrazoi sinple batengatik: han, gurean ez bezala, abandonatzen dituzte aurkituak izan daitezen. Ez dituzte zakarrontzietan uzten, ezta sasi artean ere, baizik eta leku publiko eta jendetsuetan, udaletxe baten aurrean –Itsaso eta Erreren alaba Aintziraren kasuan bezalaxe- edota umezurtz-etxearen atean bertan –Jesus eta Estherren alaba Gararen kasuan bezalaxe. Arestian esan bezala, ez dakigu deus ez Enararen ama biologikoaz ezta alaba abandonatzera eraman zuten zioez ere, baina zalantza izugarriak izango zituela pentsatu nahi dugu. Bazituen beste aukera batzuk baina ez dut liburu honetan ume-hilketaz hitz egin nahi. Abortatzeko aukera ere izango zuen ziurrenik, baina ez zuen abortu nahi izan. Beste aukera batzuk izango zituen, bai, eta nago denetan lazgarriena aukeratu zuela, lazgarriena beretzat baina onena haurrarentzat. Izan ere, guk zera pentsatu nahi dugu, Enararen ama biologikoak hainbeste maite zuela non nahiago izan baitzuen alaba gabeko bizitza baten mina alaba sufritzen edota, are latzagoa dena, alaba gosez hiltzen ikusi behar izatearen mina baino. Haurrari etorkizun hobe bat ematea erabaki zuen eta horren prezioa ordaindu zuen. Eta horrexegatik guk eskerrak eman nahi dizkiogu ama horri. Bere sufrimendua gure poza izan delako, bere zorigaitza gure zoriona, bere negar malkoak gure irribarreak, eta lerro hauek sekula irakurriko ez dituen arren, zera esan nahi diot, bere alaba primeran dagoela eta ume zoriontsua dela, berak nahi zuen bezalaxe. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, eta zauden tokian zaudela, lasai egon zaitez, zure alabak egia jakingo baitu: Fengduko presaren ondoan abandonatu zenuela, hain justu, izugarri maite zenuelako. Eskerrik asko eta zorte on. BIDAIA MADE IN TXINA Txina modan dago, jaun-andreok. Lehen inork ez zekien ezer Txinaz. Erraldoi bat zela besterik ez genekien. Lo zegoela. Lekutan zegoela. Komunista zela. Harresi batek inguratzen zuela. “Txinatar guztiek batera salto egingo balute sekulako lurrikara eragingo lukete” esaten ziguten txikitan, eta gu beldurrak airean, txinatarrak saltoka noiz hasiko zain. Gaur egun, ordea, informazioaren aroan bizi gara eta egunero dugu hango berri. Orain badakigu erraldoia ez dagoela lo, nagiak ateratzen hasia dela. Lekutan jarraitzen du, bai, baina Beijingerako hegaldiak gero eta merkeagoak dira. Txinatarren komunismoa ez da uste bezain komunista eta euren ekonomia ikaragarri hazten da urtero. “Txinatar guztiak batera prakak egiten hasiko balira sekulako lurrikara ekonomikoa eragingo lukete” esaten digute orain eta, jakina, beldurrez jarraitzen dugu. Egia esatera, Txinak txundituta nauka, han onena eta txarrena elkarren eskutik baitoaz. Laster, hamar urteren bueltan, astronautak ilargira bidaltzeko moduan izango dira. Laster Shangai eta Beijing bezalako hiritzarrak lanik gabeko nekazariz beteta egongo dira. Laster gure dendetako produktu guztiak “made in Txina” izango dira. Laster munduko nagusiak izango dira. Kontraesanez beterik, bai, baina munduko nagusiak… Guztiz esnatu baino lehen ezagutu nahi nuke Txina, baina hain dago urruti… Ze demontre! Oraintxe bertan joango naiz hegazkinerako txartelak erostera. Bai horixe! Berrian argitaratua, 2005eko urriaren 13an Madrilerantz 2005eko urriaren 21ean, ostiralarekin, atera ginen Donostiatik Madrilerantz. Goizeko 3’30ak ziren. Puru gidari genuela, alokatutako furgoneta batean hartu genuen Madrilerako bidea. Hiru familia ginen: Puru eta Marisa Laida Ju-ren bila zihoazen; Erre eta Itsaso Aintziraren bila; eta Larraitz, Garazi eta hirurok Enara Fuhan-en bila. Barajaseko aireportuan hegazkin bat genuen zain, Madrildik zuzenean Beijingera eramango gintuena. Taldea osatzerakoan ez ezik, hegazkin txartelak erosteko garaian ere zortea lagun izan genuen ezen eskalarik gabeko hegaldi bat lortzean hiruzpalau ordu lapurtzen baikenizkion berez oso luzea zen bidaia bati. Amsterdamen, Helsinkin edota Berlinen eskala egin behar izateak neke handiagoa ekarriko zigun eta horixe zen ekidin nahi izan genuena. Gainera, hegaldi hura besteak baino egun bat lehenago aterako zen eta horri ere garrantzia eman genion. Izan ere, bidaia ez baitzen Beijingen amaitzen. Beijingera iritsi bezain pronto bigarren hegaldi bat hartu behar genuen, Chongqing-era eramango gintuena, eta hango aireportuan mikrobus batek hartuko gintuen hotelera iristeko. Aukera izan genuen Beijingen egun batez atseden hartzen geratzeko baina bidaia osoa segidan egitea erabaki genuen eta nago bete-betean asmatu genuela. Hogeita bost orduko bidaia, jet-lag ospetsuaren eragina, gure alabengandik hain gertu egoteak sortuko zigun urduritasuna… porru eginda helduko ginen Chongqing-era, bai, baina bidaia kolpe batean eginez gero, berrogeita zortzi ordu izango genituen patxada ederrean egoteko. Madrilen hegazkin bat genuen zain, bai, baina ez hori bakarrik. Maxe eta Mikel oriotarrak Xiao Marenen bila zihoazen, eta Txinarantz abiatu aurretik Madrilen egun batzuk igaro zituztenez, aireportuan bertan elkartzekotan geratu ginen. Eta zain genituen, halaber, “gailegoak”, Jesus eta Esther, Gara izeneko neskato potolo baten bila zihoan Santiagoko bikotea. Posta elektroniko eta telefono deien bidez baino ez genituen ezagutzen eta han, itxaron gelan, egin genituen aurkezpenak. Garazi oparitu nahian Egia esan, beldurra nion bidaiari. Nire bigarren hegaldia zen eta lehenengoak utzitako oroitzapenak ez ziren oso onak. Badakizue, turbulentziak sekula ez dira oso onak izan osasunerako. Zalantzarik gabe, hamabi orduko hegaldi luze hura zen abentura honetako alderdirik desatseginena eta aukeran nahiago nukeen pilula batzuk hartu eta bidaia osoa lotan ematea. Eta egia esan, ez nintzen batere oker ibili, joaneko hegaldi hura zinez izan baitzen gogoratzekoa. Haatik, arrazoiak hegazkinetik at egon beharrean hegazkinaren barruan egon ziren, Larraitz eta bion artean eserita hain zuzen ere… Lehen esan bezala, aukeran pilulak nahiago, bai, baina aukera hura guztiz ezinezkoa zitzaidan, Garazi txikia gurekin zetorrelako. Beraz, liburuak, margoak, jostailuak eta hiru urteko haur bat entretenitzeko baliagarria gerta zekizkigun gauza guztiak eskuko poltsan sartu genituen eta gure eserlekuetan eseri ginen hegaldiaz gozatzeko prest. Eta jakina, horrelakoetan gertatzen dena gertatu zitzaigun guri ere, Garazi berehala aspertu zen jostailu guztiekin eta astun samarra jarri zen. Hori gutxi balitz, hegazkina leporaino zihoan eta ez zegoen gehiegi mugitzerik. Lo eginarazten saiatu ginen –ekialderantz gindoazenez gau iluna berehala agertu zen- baina lo-kuluxka txikiren bat egin bazuen ere, ez genuen arrakasta handirik izan. Imajina dezakezuenez, Txinako aireko espazioan sartu ginenerako Garazi edonori oparitzeko moduan ginen, ea zorte pixka batekin hegazkinaren beste puntara eramaten zuen… Joaneko bidaia horrelakoa baldin bazen, nolakoa izango ote zen itzulerakoa?... aukeran hobe genuen horretan ez pentsatzea… Gainera, bidaiaren unerik larriena iristear zegoen. Aireportuan galduta Beijingera goizeko 5’30etan iritsi ginen. Gure erloju biologikoek zioten gaueko hamaika eta erdiak zirela, baina eskumuturrekoak ez. Donostiatik ostiraleko goizeko 3’30etan atereak ginela kontutan hartuta, hogei ordu ziren bidaiatzen, hogei ordu taxuzko atsedenik hartu gabe. Eta oraindik geratzen ziren bost bat ordu Chongqing-era iristeko. Tira, ba, bagenekien horrela izango zela eta nekaturik baina pozik erakutsi genizkien gure pasaporteak aireportuko poliziei. Denok ilara batean gindoazen maletak hartzera eta ni azkena nintzen Garazi bere gurditxoan neramala. Eta hara non eskailera mekaniko batzuk jaitsi behar genituela ohartu ginen. Karga-karga eginda noa eta Garaziren gurditxoa zein eskuko poltsekin eskailera mekanikoetatik jaisten gaizki moldatuko naizelakoan, zer egin hasi naiz pentsatzen eta hara non, hogei bat metrora edo, igogailu bat ikusi dudan, eta, di-da, korrika batean sartu naiz igogailu horretan hiruzpalau txinatarrekin batera. Ateak itxi dira, ateak zabaldu dira eta txinatarrak badoaz igogailutik kanpora, eta Garazi eta biok, jakina, haien atzetik. Metro batzuk aurrera egin dut, ezkerretara begiratu, eskuinera begiratu… eta… nasa ikaragarri hartan ez dut ezagunik topatu. Non dago taldea? Bueltaka hasi nintzen, alde batera zein bestera begiratzen nuen eta han txinatarrak besterik ez. Larraitz? Itsaso? Non sartu zarete?... Primeran, Xabi, primeran, galduta hago! ! Orduan logikoena egitea pentsatu nuen, alegia, etorritako bidetik itzuli eta eskailera mekanikoetatik jaitsi. Sartu gara berriro igogailuan eta gora egin dut. Ateratzean irribarre bat egin diot igogailuaren atearen ondoan mahai batean eserita dagoen neska militarrari, irribarre bat zeinak “ni bai txotxolo, nahastu egin naiz!” esan nahi baitu militarra eta bion arteko inkomunikazioaren hizkuntzan, eta aurrera jarraitu dut. Baina pauso batzuk eman eta gero, irribarrea desagertu egin da derrepentean nire ezpainetatik. Izan ere, igogailua eta eskailera mekanikoen arteko hogei metro haietan urdinez jantzitako polizia baten ondotik pasa bainaiz eta polizia horri ez omen zaio gustatzen jendeak etorritako bidetik itzultzea. Ingelesez saiatu naiz nire egoera azaltzen –“I want go to eskailera mekanikora…”- baina, harritzekoa! morroiak ez omen du nire ingelesa ulertzen- eta orduan txineraz elkarrizketak mantentzeko gida atera dut poltsa batetik eta hitzen bat hasi naiz bilatzen nire egoera azaltzeko. Zoritxarrez, horrelako gidak orokorregiak dira eta ez dator bila nabilena. Nola esaten da, ba, “Ostia, hi, horra iritsi besterik ez diat nahi”? Ideiarik ez! Eta poliziak ezetz eta ezetz, hortik ez naizela pasako eta alde egiteko. Berriro sartu naiz igogailuan eta berriro atera naiz igogailutik lehengo lekuan. Baina bigarren aldi hartan izan zen aldaketarik. Minutu batzuk lehenago erdi hutsik zegoen nasa handi hura jendez betetzen hasia zen, eta nire zoritxarrerako, han ez zegoen mendebaldarrik batere, denak txinatarrak ziren. Hemen jende asko dago, gero eta gehiago, pentsatu dut, eta jendetza horrek nire egoera zailtzen duela ulertu dudanean urduri jartzen hasi naiz. Non dago ama? galdetu dit Garazik, eta ni ahalik eta samurren bera ere urduri jar ez dadin, laster iritsiko garela erantzun diot, nire buruari non ostia ote gauden behin eta berriro galdetzen diodan bitartean. Hala, ba, berriro igogailura… Neska militarrak berriro ikusi gaitu igogailutik ateratzen eta sumatu ahal izan dut harridura bere aurpegian. Bera, ordea, ez da gai izan nirean larritasuna ikusteko. Ez al didazu lagundu behar ala? Orain, denborak ematen duen talaiatik, Txinan 18 egunez hoteletako zerbitzariak, harrera-egileak, eta jatetxetako langileak apur bat ezagututa, badakit txinatarrak horrelakoak direla, ez dutela ezer egiten agintzen ez bazaie, beti irribarre batez erantzuten dizutela nahiz eta esan duzunaz piperrik ere ez ulertu, eta zerbait argi ikusten ez badute, alde egiten dutela, ezin jakin nora, baina irribarrea ezpainetatik ezabatu gabe. Orain badakit baina une hartan ez, eta militarraren jarrerak sutan jarri ninduen, eta gero eta etsituago sentitzen nintzen. Gauzak horrela, bigarren aldiz saiatu naiz poliziari azaltzen eskailera mekanikoetara iritsiz gero kito zirela nire arazo guztiak, baina lehenengoa bezain alferrikakoa izan da bigarren saiakera. Orduan igogailuaren parean ate bat ikusi dut eta hortik jotzea erabaki dut. Korridore luze bat topatu dut eta bukaeran bi norabide, bata ezkerrerantz, eskuinerantz bestea. Eskuinekoa hartu dut eta beste korridore luze bat dago. Bukaeran berriro bi norabide eta berriro eskuinekoa hartu dut. Orain nasa alderik alde zeharkatzen duen pasabide batean nago eta handik jende asko ikusten badut ere, ezin nire taldea topatu. Eta aurrera jarraitu eta gehiago galtzeko beldurraren beldurrez atzera egitea erabaki dut. Etorritako bidetik itzuliko naiz eta igogailuaren ondoan geratuko naiz. Eta horixe egin nuen. Hirugarrenez pasa nintzen neska militarraren aurretik eta hirugarrenez sartu nintzen igogailuan. Inpotentzia ikaragarria sentitzen nuen, inorekin komunikatu ezinik, nekaturik, urduri, eta Chongqingerako hegaldia galtzeko arriskuan. Inpotentzia ikaragarria, bai, baina batez ere, negargura da sentitzen nuena. Negargura itzela, gero eta jasanezinagoa. Eta Garazik lasai jarrai zezan nahi banuen eutsi beharko nion negarrari. Haatik, arazoa laster konpondu ezean, banekien ez nuela luze iraungo… Orduantxe, nola jakin gabe, piztu zen argia. Nola ez nintzen lehenago ohartu? Orduan, berriro jo dut igogailura eta gorantz joateko botoia sakatu ordez, beherakoa sakatu dut eta ateak irekitzean, bat-batean, txinatar guztiak desagertu dira kea airean nola, eta haien ordez, maletak garraiatzeko zintak agertu dira, eta haien atzetik Larraitz ikusi dut eta bere atzetik neska txinatar gazte bat, artean ezagutzen ez nuen Olivia izeneko gazte bat eta Chongqingen gure gidaria izango zena, biak ala biak larriturik. Hogei bat minutu izan ziren, nire bizitzako une txarren Topean hasierako postuetan jartzeko modukoak. Nork esango zidan Beijingeko aireportura iritsi bezain pronto erdi-negarrez bukatuko nuela! Kaixo, Chongqing! Beijingeko aireportuan Maxe, Mikel, Puru eta Marisari agur esan ostean bigarren hegaldia hartu genuen eta pare bat ordu geroago iritsi ginen Chongqing-era. Larunbat eguerdia zen. Ostegun gauean Donostia bezalako hiri txikitxo batean lo egin genuen, eta 27 ordu geroago metropoli ikaragarri handi batera iritsi berriak ginen. Chongqing Txinako erdialdean dago eta bertan 6 milioi biztanle bizi dira. Haatik, bere eragin-eremuko hiri zein herriak kontutan hartzen baditugu Chongqingeko populazioa askoz ere handiagoa da eta interneten topatutako datu guztiak bat ez datozen arren -batzuek 32 milioi biztanle direla diote, beste batzuek, berriz 40 milioi direla- imajina dezakezue gutxi gorabehera erraldoi honen tamaina. Beijing, Shangai eta Tianjin-en antzera, Chongqingek status berezia dauka Txinako banaketa administratiboaren barruan eta Txinako gobernua bera arduratzen da bere kudeaketaz. Egun gris eta euritsua zen, eta aireportutik atera ginenean Xaxa ezagutu genuen lehenik eta geroxeago Errek Jacky Chang ezizenez bataiatu zuena. Lehenengoa neska gazte argal-argal bat zen eta hirian emango genituen egunetan gure bertako gida izango zen. Bigarrena gure txoferra izan zen eta aurrerago ikusiko duzuenez, kariño berezia hartu genion. Iritsi ginen azkenean gure hotelera eta Chongqing-eko lehenengo arratsalde hura lasai egoteari eskaini genion. Lo kuluxka txiki bat egin genuen eta gero paseo txiki bat hoteleko inguruetatik, gehiegi urrundu gabe, ez baikinen gidaririk gabe unibertso berri eta estrainio hartan murgiltzera ausartzen. Atentzioa eman zigun lehenengo gauza usaina izan zen. Izan ere, janari usain sarkor bat sumatzen baikenuen toki guztietan. Berehala ohartu ginen arrazoiaz: Chongqing-eko jendeak kalean bertan kuzinatu eta kalean bertan egiten zituen otorduak. Edonora begiratuta, janari postuak topatzen genituen. Burruntzi batzuk ikusten genituen eta bertan jartzen zuten haragiak –edo dena delakoak- kolore gorrixka eta usain sarkorra zituen. Chongqing-eko sukaldaritza ospetsua da bere janari minengatik eta kaleko burruntzi haietako janaria jaten ausartu ez baginen ere, hoteleko jatetxean frogatu ahal izan genuen ondo merezia zuela ospea. Atentzioa eman zigun bigarren gauza zera izan zen, Chongqing-eko jendeak ez zuela gauza handirik behar negozio bat jartzeko. Metro koadro bateko txoko bat nahikoa dute baldin eta zulo horri pertsiana bat jar badakioke. Egunean zehar tramankulu guztiak espaloian zehar sakabanatuta eta gauez dena txokoan sartu eta pertsiana jaisten zuten. Eta gauak Chongqing-eko kaleak hartu zituenean, lotarako pilulak hartu genituen jet-laga ekidite aldera eta denok ohera joan ginen, zirraraz beterik eta neka-neka eginda. Pagodatik Igande goizean, bapo gosaldu eta gero, Xaxa eta Oliviarekin elkartu ginen hoteleko harreran. Haurrik gabeko gure lehen eguna zen, baita azkena ere, eta E’ling izeneko parkera eramango gintuztela esan zuten, bertatik hiria ondo ikusteko. Handik gutxira Jacky Chang-en mikrobus marroia azaldu zen hoteleko sarreran eta berehala sartu ginen hiriko trafiko beldurgarriaren barrenean. Hura kaos bat zen. Autoek, taxiek, autobusek, oinezkoek… denek nahi zutena egiten zuten eta gu txunditurik gindoazen leihatilatik begira, barrez lehertzen ikusten ari ginen ikuskizunarengatik, bai, baina apur bat beldurtuta egia osoa esan behar badugu. Zorionez, egunek aurrera egin ahala ohitu egin ginen eta beldurra desagertu zen. E’Ling parkea hiri erdian dagoen muino batean dago kokatuta. Iritsi bezain pronto ohartu ginen txinatarrentzat eta guretzat parkeak ez direla gauza bera. Txinatarrentzat parkeak bizitzaz beteriko lekuak dira, naturari eskainiak, bai, han ere zuhaitzak eta zelai berde eder askoak baitaude, baina, guk ez bezala, txinatarrek elkargune gisa erabiltzen dituzte. Eta ez haur edo gazteentzat bakarrik, ezpada adinekoentzat. Hala Chongqing-en nola Beijingen, bietan ikusi ahal izan genituen herri abesbatzak parkeetako zuhaitzen azpian kantu kantari, kantatzearen plazer hutsak elkartutako ezezagunez osaturiko abesbatzak. Eta abesteko elkartuta ez bazeuden, Tai-chi egiteko elkartuta zeuden, edota kometak hegan eginarazteko, edo gimnasia egiteko. Guretzat parkeak paseatzeko lekuak edo haurrentzako jolasak dituzten guneak dira. Eta bitxia bada ere, Txinan egon ginen hemezortzi egunetan ez genuen haurren jolastoki bakar bat ere ikusi. Parkerako bisita haren lehenengo geltokia te etxera iristean heldu zen eta hantxe ohartu ginen gure turista izaeraz. Te etxea itxita zegoen, guretzat zabaldu zituzten ateak eta gure atzetik itxi zituzten. Erakustaldi pribatu bat egin ziguten, tearen bikaintasunak goratzeko helburu argiarekin eta tea erosiz gure sosak bertan uzteko helburu ez oso disimulatuarekin. Mahai txiki batean eserarazi gintuzten eta neska batek estilo handiz tea zerbitzatzen zigun bitartean Oliviak itzulpenak egiten zizkigun. Hala ere, dastatu te guztiak onak zirelako irudipena daukadan arren, ezin esango dut gauza handirik ikasi nuenik tearen munduaz, izan ere, Olivia nahiko urduri zegoenez –gerora jakin genuen estreinakoz aritzen zela gida lanetan- eta gazteleraz oraindik guztiz ondo moldatzen ez zenez –ikastaro bat edo beste falta zituen-, erakustaldia porrot handia izan zen itzulpenari dagokionez. Eta guk behinik behin -antza gure turista izaeraz guztiz jabetu gabe geunden artean- ez genituen gure sosak utzi leku hartan… Handik atera eta pagoda batera eraman gintuzten Xaxak eta Oliviak. Zortzi solairu zituen pagoda hark eta goraino igotzea neketsua izan bazen ere, behin azken solairura iritsi ondoren hiria oso-osorik ikusi ahal izan genuen. Beno, egia esatera, behe-lainoak uzten ziguna ikusi genuen. Zortzigarren solairu hartatik bi aukera genituen, aurrera begiratzea ala behera begiratzea. Aurrera begiratuz gero, hiria inguratzen dituzten mendiak ikusten ziren. Oliviak azaldu zigunez, mendi garai haiek dira laino betiereko eta astun horren arrazoia. Oso garaiak dira eta ez omen diete hodeiei alde egiten uzten. Mendi berberak dira Chongqing-eko tenperatura gogorren arduradunak. Uda partean bero sapa eta itsaskorra sufritzen dute, eta ez alferrik esaten diote hiriari “Txinako labea”. Negu partean, berriz, hotz ikaragarria egiten omen du. Guk zortea izan genuen eta urrian egokitu zitzaigun bidaia egitea, sasoirik onena hiria bisitatzeko, baina egia esan, guk apenas ikusi genuen eguzkia. Begirada beherantz zuzenduz gero, bi detailetxok emango dizute atentzioa. Lehengoa ibaiak dira. Chongqing-en Yantze eta Jiling ibaiek bat egiten dute eta oso bitxia da zeren ibai biek ezberdina baitute kolorea. Yantze ibaiaren ura urdina da eta Jianling ibaiarena, berriz, marroia, ura beharrean lohia ekarriko balu bezala. Bigarren detailea, hiriaren handitasuna alde batera utzita, etxe-orratzak dira. Asko dira eta denak ikaragarri handiak. Xaxak Oliviaren bitartez azaldu zigun ezen japoniarren kontrako gerran hegazkin japoniarrek Chongqing osoa suntsitu zutela. Hiria berreraikitzeko ordua iritsi zenean, gorantz eta inolako ordenarik gabe egin zuten. Emaitza aberrazio arkitektoniko erraldoi bat izan zen eta ez da beharrezkoa arkitektoa izatea horrelako baieztapenik egiteko, astakeria galantak ikusteko aukera izan baikenuen, hala nola egurrezko etxolak etxe-orratz modernoen ondoan, itsatsita bizkarroien antzera, mendi magaletan, ia-ia airean eskegita, erortzeko zorian ziruditen etxeak, argirik gabeko skalestrix sinesgaitz eta korapilatsuak… sinesgaitzena, dudarik gabe, hotelerako bidean, hiru karrileko errepide batean aurkitu genuen zutabea izan zen… nonbait errepide gaineko oinezkoen pasabide hark ez omen zuen luze iraungo zutaberik gabe eta beste aukerarik ezean, erdiko karrilean jartzea bururatu zitzaien! Horrelakoa da Chongqing, kontrastez beteriko munstro kaotiko bat. Eta okerrena –edo onena, ezin jakin- zera da, kontraste haiek, berria eta zaharraren arteko kontraste haiek jendearengan ere sumatzen dela edonora begiratuta ere. Kale berean, ondo-ondoan, ikusi ahal izan genituen hala Xaxa bezalako neska fashion-ak nola agure zimurtuak, fruta garraiatzeko makila eta bi saski lepotik zintzilikaturik, orain dela mila urte bezalaxe. Baina horretaz Pagoda hartatik jaitsi ginenean ohartu ginen. Sugetzarraren biktimak Parketik atera gabe, Xaxak eta Oliviak Hiru Arroilen presari buruzko erakusketa bat ikustera eraman gintuzten. Erakusketa korridore luze batean zegoen, ezkerreko horman margotuta, eta Yantze ibaiaren ibilbidea irudikatzen zuen. Kontua da Hiru Arroilen presa 2009an bukatzeko asmoa dutela, eta presa horrek ondorio latzak ekarriko dizkiela Yantze ibaiaren ertzeko hiri zein herriei. Herri batzuk, esaterako, oso-osorik geratuko dira betiko uretan murgilduta. Beste batzuk, osorik ez, baina ia-ia. Eta erakusketak datu zehatzak ematen zituen: zenbat metro egingo zituen urak gora herri bakoitzean, zenbat lagunek alde egin beharko zuten, zenbat geratuko ziren. Chongqing hirian esaterako, urak bederatzi metro egingo du gora eta hasieran gutxi zela pentsatu bagenuen ere, egun batzuk geroxeago ibaian zehar egindako txango batean ikusi ahal izan genuen zeharo oker geundela, bederatzi metro horien ondorioz auzo oso bat ur azpian geratzekoa baitzen. Korridorean aurrera egin genuen, paseo lasai eta interesgarri batean, guztiz txundituta ikusten ari ginenarekin. Gehien harritzen gintuena zera zen, sugetzar urdin haren biktimak zenbaki soil eta arruntzat hartzen zituztela ikustea. Pertsona haiek guztiek euren herriak utzi beharko zituzten, euren istorioak, euren iragana… eta han zeuden denak, ezkerreko horman margoturik eta zenbaki bihurturik! Eta halako batean, bihotzak jauzi egin zigun marrazki horietako bat ikustean. Fengdu County. Number of emigrants: 54.582. Sekulako inpresioa eragin zigun gure alabaren herria han ikusteak. Bagenekien Fengdu Yantzeren ertzean zegoela baina artean ez genuen lotzen Hiru Arroilen presarekin. Presa batekin, bai, baina ez presa horrekin, ezin jakin zergatik. Eta Fengduko zonalde bat uretan murgilduta geratuko zela jakitean tristura ikaragarria sentitu genuen. Ez dakigu etorkizunak zer ekarriko digun, ezta Enarak bere jaioterriaren izena entzutean zer sentituko duen ere. Baina guk zerbait argi baldin badugu hori egunen batean Chongqingera itzuliko garela da, bai eta Fengdu ezagutzera joango garela ere. Fengdu berria izango da, hiria –edo zati bat behinik behin- beste aldeko ertzera lekualdatzen ari direlako. Eta litekeena da Enara aurkitu zuten lekua, “presaren ondoko obra” kokaleku zeharo zehaztugabe hori, ur azpian betiko desagertzea. Umezurtz-etxearen sarreran edota udaletxearen ondoan utzi izan balute, toki hura erraz asko aurkituko genuke. Enararen lehenengo mugarria aurkitzea erraza litzateke. Haatik, berez aurkitzen zaila den hori are zailagoa izango da ur azpian geratuz gero. Eta hori jakiteak izugarri penatu gintuen. Beldurraz, Sichuango operara joan aurretik. Igande hura bukatu aurretik, bi ohartxo apuntatu nituen nire kaieraren orrietan. Lehenengoa, bazkaldu osteko solasaldiari dagokio, bigarrenari afaldu osteko ikuskizunari. Igandeko bazkari hartan deskubritu genuen buffet hartako otorduak festa txiki batzuk izango zirela guretzat. Gure digestio-aparatuek onartzeko moduko sukaldaritza mendebaldarra eskura bagenuen ere, guretzat askoz ere interesgarriagoa zen Chongqingeko sukaldaritzaz gozatzea eta dena dastatzeari ekin genion. Gehienak jaki minak zirenez, jangelatik bizirik ateratzea bilakatu zen gure jolas dibertigarriena. Noizean behin, pikantea gure digestio-aparatua baino indartsuagoa izaten zen eta halakoetan komunerako bidea hartu behar izaten genuen harik eta “Fortasec” batek berriro martxan jartzen gintuen arte. Lehenengo bazkariko festa gogoangarri haren ostean, garagardo bat eskatu eta izan genuen solasaldirako beta nahikorik. Eta nire ohartxoetan zera idatzi nuen, lehenengo aldiz hitz egin genuela gure artean adopzioaz. Lehenengo aldiz utzi genion prestakuntzaz mintzatzeari, eta intendentzia lanak alde batera utzirik, sentimenduez hitz egiteari lotu gintzaizkion. Beldurraz hitz egin genuen gehien bat. Gure beldurrez. Eta haurrek onartzen ez bagintuzten? Eta Garazik ahizpa berria onartuko ez balu? Beldurra sentimendu askea da, kontrolik gabekoa, usu ezkutatzen duguna. Baina ez ginen bakarrak beldurrez geundenak. Eta autismoaz hitz egin genuen, gure alaben buru-osasunez, herentziaz jasotzen diren gaixotasunez, garrantzitsua den informazioaz eta sekula jakingo ez ditugun jakin beharreko guztiez. Ez dut sekula paraxutismorik egin, baina nago hegazkin batetik lehenengo aldiz jauzi behar duenak horrelako zerbait sentituko duela. Guk ere jauzi egin behar genuen, hogeita lau ordu baino gutxiago geratzen ziren bizitza osorako jauzi hura egiteko eta beldurrez geunden. Ziurrenik dena ondo aterako zen eta ziurrenik haurrak ondo egongo ziren, baina bada ez bada ere, prestatu behar genuen eta gure beldurrak mahairatuz azken prestaketak egin genituen. Beldurrez bai, baina arrazoiez, ordea, ez genuen txintik ere esan. Egun, adibidez, ez dakit deus Itsaso eta Erre Aintziraren bila joatera bultzatu zuten zioez, ezta Jesus eta Estherren zioez ere. Sekula ez genuen hitz egin adopzioaren mundura iritsi aurretiko bideez. Bi bikoteek –guk bezalaxe- ibilbide luzea egina zuten Chongqingeko hotel hartako jangelaraino, baina ez genien galdetu eta ez ziguten kontatu. Ziurrenik bideek garrantzia galtzen dutelako behin helmugara iritsitakoan. Gurasoak izan nahi zuten eta kito. Hurrengo egunean gure alabak ikusiko genituen lehenengo aldiz eta huraxe zen garrantzia zuen bakarra. Arestian esan bezala, bigarren ohartxo bat ere idatzi nuen gau hartan. Izan ere, artean haurrik gabe geundela aprobetxatuz, gau partean Sichuango opera ikustera eraman gintuzten Xaxak eta Oliviak. Opera izena izanagatik, guk ikusi genuena barietate ikuskizun bat izan zen: dragoiak, malabarerak, antzezlan ulertezinak, maskarak… eta ohartxoaren arrazoia zera da, bigarrenez jabetu ginela gure turista izaeraz eta sentsazioak bidaia osoan zehar iraun zuen. Ikuskizun hura soilik guretzat egin zuten. Eszenatokiaren aurre-aurrean jarri gintuzten dena ondo ikus genezan, eta atentzio guztiak guretzat zirelarik, erregeen pare tratatu gintuzten. Orduan ohartu ginen gu dolarrak baino ez ginela beraientzat. Dolar ibiltariak baino ez. Guk, ordea, ez genuen turista izan nahi. Eta horrexegatik gonbidatu genituen gure bi gidak gurekin batera eser zitezen. Apur bat eskandalizaturik uko egin zioten gure gonbidapenari. Mentalitate ezberdinak ditugu, horretan ez dago zalantzarik. Bera da! Eta azkenean iritsi zen eguna. 2005eko urriaren hogeita laua. Urduritasuna goiz goizetik hasi ginen sabelean nabaritzen. Irribarre zabal eta lelo bat genuen ezpainetan, nahita ere ezin ezaba daitekeen horietako bat. Gosaldutakoan Xaxa eta Oliviarekiko hitz ordura joan ginen eta haiek azaldu ziguten egin beharreko guztia. Lehenik eta behin, paper batzuk bete behar genituen, kontu handiz eta hanka sartu gabe, izen-abizenak zein datu guztiak etxetik ekarritako dokumentu ofizialetan agertzen ziren bezalaxe. Paperak hoteleko bilera gela dotore batean betetzen genituen bitartean, argazkiak ateratzen hasi ginen, patata-patata esanez urduritasuna urrunduko bagenu bezala. Baina korapiloak hor jarraitzen zuen, estu eta tinko, eta horren adierazgarri eta lekuko, hoteleko banketxean ateratako argazkiak ditugu. Txinan haur bat adoptatzen duzunean, umezurtz-etxeari “dohaintza” bat egin behar diozu derrigorrez, eta derrigorrezko dohaintza guztien antzera gureak ere bazuen kopuru bat: hiru mila dolar billete handi eta berritan. Eta banketxera ailegatu eta bertako langileek banan-banan gure dolarrak zenbatzen zituzten bitartean, gu iji eta aja, irribarreak eta urduritasuna ezkutatu ezinik, Dragon Khan ospetsura igotzeko sarrerak erosten bageunde bezala. Behin paper guztiak eta banketxean diru-sarrera egin ostean, hitz ordua jarri genuen gure gidekin erregistrora joateko, hantxe jasoko baikenituen gure alabak. Erregistroa hiriaren beste aldean omen zegoen eta gogoan dut barre egin genuela hara iristeko zenbat denbora beharko genuen galdetu genuenean: hogei minutu. Hain juxtu, igandeko txangoetara irteterakoan jasotako erantzun berbera. Bazirudien Chongqingeko edozein tokitara iristeko hogei minutu nahikoa zirela. Gerora ohartu ginen Xaxak arrazoia zuela, gehienetan gure txangoak ez zirela ordu erdira iristen. Trafiko kaotiko baten eta semaforoei jaramonik ez egitearen abantailak nonbait! Erosketa batzuk eginez pasa genuen goiza eta goiz bazkaldu ostean ordu bi eta erdietan jaitsi ginen harrerara. Haurrak arratsaldeko hiru eta erdietan iritsiko ziren erregistrora eta guk ordu erdi lehenago egon behar genuen han, hartara, han bete beharreko paperak lasaiago –eufemismo bat baino ez da- beteko genituen. Harreran elkartu eta lehenengo galdera: “ze, oso urduri?”. “Beno, pixka bat” izan zen gure erantzuna, jakinda hura ere gezur txiki bat zela, eufemismo berri bat, urduritasuna baretzeko trikimailu bat besterik ez, ezpainetan goizetik marraztuta genuen irribarre hark kontrakoa baitzioen. Jacky Changen mikrobusean sartu eta gure alabenganaino eramango gintuen azken bidaia hartatik bi dira oroitzapenen ganbaran gorde ditudanak. Lehenengoa, eguzkia atera zela lehenengo aldiz, eta bat-batean eguna halako argitasun eder batez jantzi zela. Bigarren oroitzapena askoz ere bitxiagoa da eta trafikoarekin du zerikusirik. Izan ere, hiria zeharkatzen ari ginelarik, sei bat karrileko etorbide zabal baten erdi-erdian agure bat ikusi baikenuen leihatiletatik, soka batetik tiraka kutxa ikaragarri pisutsu eta handi bat garraiatzen ari zela, mantso-mantso, barraskilo ñimiño bat bailitzan. Bitxia da oroimenak zer nolako gauzak gordetzen dituen! Mikrobusetik jaitsi ginenean, Xaxak pasabide batetik joan gintezen agindu zigun. Pasabidea ikustean zeharo txundituta geratu ginen. Ez dakit zer espero genuen erregistrora joango ginela esan zigutenean, baina ez zen hura inola ere espero genuena. Pasabide zatar eta ilun bat zen, zikina eta zaharkitua, eta gogoan dut pasabidearen sarreran litxarreria postu bat topatu genuela. Hogei bat metro egin genituen eta igogailu bat topatu genuen. Urduritasuna “in crescendo” zihoan, are gehiago igogailuko ateak ireki eta neskato txinatar txiki batzuk euren zaindarien besoetan atera zirenean. Ez, ez ziren gure alabak, ezin gureak izan ezen beranduago etortzekoak baitziren. Haatik, gureak ez zirela jakinagatik, gure bihotzak saltoka hasi ziren. Ze gutxi falta zen! Ze gertu geunden! Nola edo hala sartu ginen igogailuan –txikia zenez bi bidai egin genituen- eta gure solairura iritsi eta ateak zabaltzean erregistroa ikusi ahal izan genuen. Hura bai, hura erregistro bat zen, areto handi eta ondo argiztatua, marmolezko zorua eta horma gorriak zituena. Gure parean erakusmahai batzuen atzean funtzionario txinatar batzuk ikusi genituen lanean, eta gure ezkerrean… Bera da! -Larraitzek zidan esan. Larraitzen hitzak galdera eta baieztapena izan ziren aldi berean. Nik ere ezkerretara egin nuen so, eta haur batzuk ikusi nituen. Larraitzek berriro ahoskatu zituen segundo bat lehenago botatako bi hitz haiek, baina bigarren hartan, hitzok ez zuten galdera kutsurik, baieztapen potoloa zen: “bera da!!”. Larraitzek negarrari eman zion, bat-batean abentura luze hartan pilatutako emozio, tentsio-une, eta urduritasunen iturria zabaldu izan balitz bezala. Besarkatu ninduen eta niri ere malkoren batek egin zidan ihes. Bai, berehala ezagutu genuen, bera zen eta ez zegoen dudarik. Haur hura zen 53 egun lehenago Txaran ikusitako argazkian agertzen zena. Gure Enara Fuhan txikia. Bere zaintzailearen magalean zegoen eserita. Ondoan Aintzira zegoen eta sofa berean etzanda Gara, biberoia zurrupatzen. Guregandik zortzi bat metrora egongo ziren eta, egia esatera, ez dakit Errek eta Itsasok zein Jesusek eta Estherrek nola ikusi zituzten euren alabak ezta zer sentitu zuten ere. Dakidana da hiru familiok geldirik geratu ginela une batez, zer egin jakin gabe. Inork ez zigun “aurrera” esan, edota “egon zaitezte apurtxo batean”, ez genekien horrelako egoeretarako protokolorik ba ote zegoen. Segundo batzuk baino ez ziren izan harik eta, sofatik altxatu gabe, hiru zaindari txinatarrek halako keinu bat egin ziguten arte. Orduan, Esther, Itsaso eta Larraitz, pixkanaka-pixkanaka, haurrengana hurbildu ziren, hiruak batera baina nork bere alaba baino ikusten ez zuela. Eta Larraitzek zaintzailearen besoetatik hartu zuenean, Enarak irribarre egin zion. Maratoi korrikalaria nola Hortik aurrerakoak nahastuta dauzkat oroitzapenen kutxan. Nago emozioek eta une hartako urduritasunak dena lausotu zutela. Maratoi korrikalaria helmugara heldutakoan nola, hala sentitzen ginen gu, pozaren pozez amaierara iristeagatik, baina baita erdi zorabiaturik ere. Badakit, une hura bideoan ikusteko aukera izan baitut, lehenengo une haietan Enara Larraitzen besoetan egon zela eta lasai zegoela oso. Garazi ere han zegoen, bere amari itsatsita, ahizpa berriari serio-serio begiratuz, zer gertatzen ari zen oso ondo ulertu gabe. Jakin bazekien dena, hamaika aldiz kontatu baikenion ahizpa txikiaren istorioa, baina nago lekuz kanpo ibili zela harik eta guretzat bakarrik ez beretzat ere une garrantzitsua zela eta eginbehar garrantzitsu bat zuela ohartu ginen arte. Izan ere, Garazik opari bat zekarkion Enarari, bere panpinetako bat. Aldez aurretik esana genion ikusi bezain pronto eman behar ziola bere oparia baina Garazik espero ez zuena zera zen, Enarak ere opari bat izatea beretzat, Chongqingeko hartz panda bat aurreko egunean parkean erositakoa, eta txundituta begiratu zion opariari lehenik eta Enarari gero. Gure zorionerako, irribarre keinu bat egin zioten elkarri. Badakit, halaber, handik gutxira, nik ere hartu nuela besotan Enara eta keinuka eta imintzioka saiatu nintzela irribarre bat lortzen. Alferrikako saiakerak izan ziren, ordea. Antza, beldurra ematen nion eta ez da harritzekoa. Ziurrenik ordura arte oso gizon gutxiren besoetan egona zen gure alaba, bederatzi hilabetez emakumezkoen mundu itxi batean eta bat-batean, han nengoen ni, nire kokospeko eta nire betaurrekoekin. Ni neu ere beldurtuko nintzen ni bezalako batek besotan hartu izan banindu. Ez, ez ninduen gehiegi harritu. Larraitz edo ni, bietako bat ondo ez hartzea gerta zitekeen zerbait zen eta halaxe gertatu zen. Denbora eman beharko genion elkarri. Barbaro zoriontsuak Gogoan dut bururatu zitzaigun lehenengo gauza poteko pure bat ematea izan zela. Potea ireki eta ematen saiatu zen Larraitz, baina oso gutxi jan zuen. Garazik ere animatu egin zuen Enara poteko pure hura jan zezan baina dena alferrik izan zen. Gerora ohartu ginen Enarak ez zekiela koilaratxoz jaten, ez zegoela ohituta koilaratxoa ahoan sartzen. Asignazioaren argazkiarekin batera bidalitako osasun txostenak zioen ondo jaten zuela, baina ez dakigu ze puntutaraino ote zen egiazkoa baieztapen hura. Izan ere, Enara ero moduan jartzen zen hotelean biberoia prestatzen ari ginela ikusten gintuen bakoitzean. Antsia ikaragarria sartzen zitzaion biberoia ikusi orduko, eta egun pentsatzen dugu goseak egon zela umezurtz-etxean. Poteko pure zein frutekin, ordea, ez zitzaion gauza bera gertatzen. Ez zen geldirik geratzen eta ahokoa kanpora botatzen zuen, ahoan zuen horrekin zer egin jakingo ez balu bezala. Beijingeko hotelean, esaterako, meriendaren ordua sufrikario itzela izaten zen. Enararen ezinegona hain handia zen non moketaren gainean etzaten zen eta halaxe jarri behar izaten nuen nik zerbait jango bazuen. Hura bai ikuskizuna, hura! Zer ordutan atera ginen erregistrotik ezin esango dizuet, arestian aitortu bezala dena lausoturik agertzen baitzait, dena nahastuta, norbait nire oroitzapenen ganbaran sartu eta bildutakoa hankaz gora utzi izan balu bezala. Argazki ofizial bat atera genuen Garazi gabe –funtzionarioek debekatu zioten Txinako familia liburuan agertzeko eskubidea-, jarraian argazki ez-ofiziala atera genuen laurok batera –ederki kostata atera ere, Enara ez baitzen geldirik geratzen-, zaintzaileari opari bat egin genion –adopzioetako protokolo ez idatzi batek hala egin behar dela dio- eta erregistro hartan bete beharrekoak ahal izan genuen moduan bete genituen eta handik aurrera gogoratzen dudan hurrengoa zera da, hotelera iritsi eta bainuontzian sartu genituela bai Garazi eta bai Enara ere. Enara seko beldurtuta sartu zen bainuontzian, beretzat berria bailitzan, baina berehala lasaitu eta plisti-plasta egiten hasi zen bere ahizparekin. Eta gu, jakina, adurra zerigula geunden. Eta gauean afaltzera jaitsi ginenean, jada ez ginen zazpi, hamar baizik, eta mahaian, plateren ondoan biberoiak, adur-zapiak eta koloretako koilaratxoak agertzen hasi ziren, eta bat-batean jangelako mahai serio hark bere izaera eraldatu zuen eta, nola jakin gabe, bilakatu zen txiki-park, hainbeste ziren-eta hango panpinak… Logeletara itzuli eta egun zoragarri hura amaitutzat jo aitzin Jesusek, jangelako mahai hura nola utzi genuen ikusirik, zera esan zuen, ziur zegoela txinatarrek barbarotzat joko gintuztela eta nago arrazoia zuela gure lagun galegoak. Barbaro zoriontsuak ginen. JACKY CHANG Beijing-ekoa bezalako aireportu erraldoi batera iritsi bezain pronto galtzen baldin bazara, bidaia ez duzula batere ondo hasi pentsa dezakezu. Hori, edo tonto samarra zarela, talde baten atzetik joatea munduko gauzarik errazena baita. Aukeran nahiago lehenengoa, milaka txinatarren artean galdu zena neu izan bainintzen. Baina tira, bidaia gaizki hasi bazen ere, hortik aurrera dena ondo joan da. Gainera, aerofobia bat-batean sendatu zait Jacky Chang-i esker. Jacky -ez dugu bere benetako izena ezagutzen- gure txoferra da Chongqing hirira iritsi ginenetik. Gure txoferra edo gure aingeru guardakoa, hemengo trafikoa eta kaos erabatekoaren artean ez baitago ezberdintasun handirik. Madrilgo M-40a haur jolasa da Chongqing-eko errepide aldapatsuen ondoan. Autoek begiratu gabe gurutzatzen dute errepidea alderik alde, errotondetan ere ezkerretara begiratu gabe sartzen dira, datorrena geldituko da... eta datorrrena gelditzen denean, arnasa hartzen duzu. Eta ikusi beharreko astakeria guztiak ikusi dituzula pentsatzen hasita zaudenean, zuregana datorren auto batekin egiten duzu topo. Zuregana, gauez, argirik gabe eta kontrako norabidean... Jackyk, irainik bota gabe, iskin egin zion eta aurrera jarraitu zuen. Chongqing-eko trafikoa ezagutu eta gero hegazkin batean hamar mila metrotara egotea gauzarik seguruena iruditzen zait. Beno, milaka gauza kontatuko nizkizueke baina lekurik gabe geratzen ari naiz eta hurrengo baterako utzi beharko dut. Datorren astean Beijing-etik izango da, aireportuan berriro galtzen ez banaiz... Berrian argitaratua, 2005eko urriaren 27an Jacky Chang Ikusten duzuenez Txinan egon nintzen bitartean ez nion hutsik egin ostegunero Berriako irakurleekiko hitz-orduari. Ez zen beharrezkoa, hiru Maratila hozkailutik atera eta argitaratzeko prest utzi bainituen egunkarian. Zer nolako bizitza egingo genuen ez genekienez, dena lotuta uztea nuen onena. Hala ere, Txinan egonda aukera paregabea nuen zerbait berezia egiteko eta hala agindu nien Berriakoei, ahal izanez gero bidaliko nizkiela zutabeak Txinatik. Eta ez pentsa erraza izan zenik, arkatza eta borragomarekin lan egiten duzunean zaila baita mila eta laurehun karakterera noiz iritsi zaren jakitea… ez dakizu testu-prozesadorearen garrantzia zein den harik eta faltan duzun arte! Zutabeak zein eguneko gorabeherak idazteko tarteak izan ziren Chongqingeko egonaldiaren ezaugarrietako bat, baita Beijineko egonaldiarena ere. Bake apur bat behar nuenez, haurrak lo-kuluxka egiten ari zirenean hoteleko tabernara jaisten nintzen idaztera edo bestela ziber-gelara, mezu elektronikoak zein argazkiak bidaltzera. Gauetan ere, neskak lotan utzi ostean, liburu hau idazteko hain beharrezkoak izan diren ohartxoak idazten nituen, Chongqing beer baten laguntzaz. Baten bati gehiegizkoa irudituko zaio “Jacky Chang” izeneko zutabean trafikoari buruz idatzi nuena. Nik, ordea, motz geratu nintzelako susmoa daukat, baina mila eta laurehun karakterek ez dute luze jarduteko biderik ematen. Zinez beldurgarria da hango kaosa! Chongqingeko egonaldiari buruz egiten ari naizen narrazio honetan behin baino gehiagotan aipatu dut trafikoaren kaosa. Gu mikrobus batean mugitzen ginenez, beste ibilgailuak baino zertxobait gorago egoten ginen errepidean. Eta gure talaiatik babestuago sentitzen ginenez, dibertigarri baina dibertigarriago generitzen astakeria haiei guztiei. Oinezkoek ez zuten inolako arazorik errepidea nahi zuten tokitik zeharkatzeko eta alderik alde joateko beta nahikorik ez bazuten, konponbide erraza zegoen: errepide erdiko marren gainean geratzen ziren autoen artetik jarraitzeko zirrikitu bat noiz agertuko zain. Bertakoen beldur ezak txundituta uzten gintuen behin eta berriro. Zeinek esango zigun ezen, hamar egun geroago, guk ere horrela zeharkatuko genituela Beijingeko kaleak! Beijingen ez bezala, Chongqingen ez genuen apenas bizikletarik ikusi, hiria hain da aldapatsua. Baina bizikletak alde batera utziz gero, munduko garraio mota ia guztiak ikusi ahal izan genituen hango errepideetan: luxuzko autoak, historia-aurreko autoak, taxi horiak, berdeak zein gorriak –bakoitzak bere tarifa zuelarik-, motor arruntak, moto-taxiak, sidekarrak, aterik gabeko kamionetak, kamioi handiak, kamioi txikiak, gurea bezalako mikrobusak, lineako autobusak –den-denak modu ezberdin batez margotuak-, gurdiak… ez zuen inporta nola, kontua zerbait edo norbait garraiatzea zen, eta ibilgailu haiek guztiak hango errepidetan elkartzen ziren, aldapetan gora eta behera, ikaratzeko moduko koktel bat sortuz. Chongqingen bazaude eta arriskua gustuko baduzu, ez galdu taxi bat hartzeko aukera; bi euroren truke adrenalinaz beteriko bidaia ahaztezin batez gozatuko duzu! Hiru bisita Trafikoaz aparte, badira beste kontu batzuk narrazio honetan aipatzeko modukoak. Bisita asko egin genituen, batzuk oso interesgarriak eta beste batzuk ez hain interesgarriak. Multzo honetan, esaterako, zoologikoari egin genion bisita sartuko nuke, azken batean, hango eta hemengo zoologikoak antzekoak baitira. Dena den, zoologikoan ohartu ginen Chongqineko jendea ez zegoela batere ohituta mendebaldarrak ikusten eta beraientzat askoz ere interesgarriagoak ginela gu -eta batez ere Garazi- kaioletako piztiak baino. Dolar ibiltariak ginen gure gidentzat eta ikuskizun ibiltaria bertakoentzat! Eta modu berean, hiriko erdigunera egin genuen bisita ere ez genuke gogoan hartu beharrekoen artean sartuko, dendaz beteriko kaleak zein merkatari-gune handiak ezagutzen baititugu. Bisita interesgarriei dagokienez, hiru dira aipatu beharrekoak. Lehenengoa Chongqingen erdi-edian eta etxe-orratzez inguraturik aurkitu genuen tenplu budista txikira egin genuena da. Gezurra zirudien hango zarata eta kaosaren bihotzean halako oasi bat aurkitzea, leku baketsu bat non isiltasuna zen nagusi, ate hura zeharkatzean beste mundu batean sartu izan bagina bezala. Budistek intsentsua erretzen zuten Budarekin komunikatze aldera, eta Xaxak azaldu zigunaren arabera, zenbat eta ke handiagoa atera, orduan eta hobea izango zen Budarekiko komunikazioa. Tenplu txikia izan arren, bazituen atean tenplu orok izan ohi dituen eskale profesionalak, eta handik ateratzean, mikrobuserantz gindoazela, Xaxak ohartarazi zigun, kezkatuta ohartarazi ere, ezen ez geniela eskale haiei yuan ziztrin bat bera ere eman behar, ezta bururatu ere. Eta Jesusek arrazoiaren galde egin bazien ere, nago hala Oliviak nola Xaxak, aitzakiak jarri zituztela galderari erantzunik ez emateko. Zerrenda honetako bigarrena Chongqing zaharrera egindako txangoa da. Chongqing zaharreko kaleak japoniarren bonbardaketaren ostean zutik geratu ziren bakarrak omen dira. Kale estu-estuak dira eta denda txikiz josita dago turistak sosak bertan utz ditzan. Janari postuak ere hamaika, eta behin baino gehiagotan izan ginen eskaintzen zigutena dastatzeko tentatuta, baina komunerako bisitak ugaritzeko arriskuak atzera eragin zigun. Han geundela beste te etxe bat ikustera eraman gintuzten, baina lehenengo egun hartan ez bezala, oraingoan haurrekin joan ginen, eta halako batean tea bihurtu zen, nola jakin gabe, esne. Biberoiaren ordua zenez, teari ez genion jaramon handirik egin. Haur-turismoak horrelakoak ditu nonbait! Bukaerako Chongqingeko museo nagusira egindako bisita utzi dut, interesgarriena dudarik gabe. Museoak lau solairu ditu eta eraikin moderno batean dago kokatuta. Bertako historiaz, naturaz, arkeologiaz eta horrelako gaiez jakin beharreko guztia aurkituko duzu museoan eta aukeran hobe haurrekin ez joatea… baina tira, gure kasuan ezinezkoa zen… zorionez! Lonely Planet estiloko gomendio labur-labur hauek eman ostean Chongqing itsusi zein zoragarriari agur esateko ordua iritsi delakoan nago. Ia ohartu gabe, astebete pasa genuen han eta, gure alabak jaso eta egin beharreko burokrazia guztiak egin ostean, bagenuen Beijingera itzultzeko ordua. Beijing bidaiaren bigarren partea zen, turista baten ikuspuntutik interesgarriena Harresi Handia, Udako Jauregia eta ospetsuak diren hainbat leku zein monumentu ikusiko baikenituen, eta hori gutxi balitz, Puru eta Marisaren alaba Laida Ju eta Maxe eta Mikelen alaba Xiao Maren ezagutuko genituen. Bagenuen bai, Chongqing utzi eta Beijingerako hegaldia hartzeko gogorik, baina era berean, hegazkinak abiadura hartu eta zerurantz igotzean, astebete lehenago hartu gintuen hiri kaotiko hura gero eta txikiago ikustean, pena ikaragarria sentitu nuen bihotzean. Pena guregatik, bizitza aldatu zizkiguten egun zoragarri haiek bukatuak zirelako, perfekziotik oso gertu egon zen egonaldi hura amaitua zelako, eta Beijingen dena ezberdina izango zelako sentsazioa genuelako. Eta pena –gure pozaren tamaina berekoa- Enararengatik. Bere historiaren zati bat han, gure azpian, geratuko zen, bere sustraiak eta bere jaioterria atzean utziko zituen, Yantze ibaiaren uretan murgildurik… Eta gure buruari zin egin genion ezen egunen batean itzuliko ginela, guregatik eta gure alabarengatik. Ez zen “agur” bat izan, “gero arte” bat baizik. Kaixo, Beijing! Urriaren 29ko eguerdian iritsi ginen Beijingeko aireportura. Goizeko 8etan logelako atean bertan maletak jaso zizkiguten eta ehun yuanen truke –hamar euro inguru- hoteleko langileak arduratu ziren gure ekipajea fakturatzeaz. Hoteletik ateratzean ezuste desatsegin bat aurkitu genuen. Izan ere, Chongqingetik alde egin aurretik gure txofer Jacky Chang-ekin argazkia ateratzeko asmoa baikenuen. Ez dakit zer pentsatuko zuen gutaz –ziurrenik hark ere barbarotzat gintuen, hain ziren ozenak gure txangoetako barre algarak- baina kariño berezia hartua genion eta eskupekoa geuk eman nahi genion. Horrelako bidaietan eskupekoaren kultura oso zabalduta dago eta tarifak, nolabait esatearren, araututa daude. Araututa egoteak ez du esan nahi denak aldarte berberarekin ematen direnik eta batzuk gustura ematen diren bezala, beste batzuk ez dira hain gustura ematen. Gure kasuan, gu oso pozik geunden bai Oliviak eta Xaxak bai Jacky Chang-ek egindako lanarekin, hain pozik non tarifek araututakoa baino gehixeago eman baikenien. Zoritxarrez, baina, txoferrari eskura eman ezinik geratu ginen. Beijingerako hegaldiak bi orduz iraun zuen, eta zinez apoteosikoak izan ziren, bidaiaren unerik okerrena dudarik gabe. Barne hegaldia zenez, gu ginen mendebaldar bakarrak hegazkin txiki hartan. Bidaiari gehienak enpresa gizonak ziren eta hegazkina lepo zegoen. Estu-estu bidaiatzea latza izanik, are latzagoa da zurekin doazen haurrek gaizki portatzeko unea dela erabakitzen badute eta halaxe erabaki zuten bai Garazik bai eta Enarak ere. Garazirentzat hirugarren hegaldia zen eta ordurako sumatzen genuen zerurantz igotzeak eta -batez ere- zerutik jaisteak ez ziola grazia handirik egiten. Eta Enarari dagokionez zera esango dizuet, orduan ohartu ginela ez dela toki batean geldirik luze geratzen den horietakoa. Baina tira, nola edo hala iritsi ginen Beijingera eta hurbiltze lanak egiten zituen bitartean hiria zerutik ikusi ahal izan genuen. Chongqing-i ez bezala, Beijingi hiri ordenatu baten itxura hartu nion, karratuagoa eta ordenatuagoa. Eguna eguzkitsua zen, eta urrunera mendi kateak ikusten baziren ere, laua zela ohartu ginen. Bigarren aldia zen aireportura iristen ginena eta, zorionez, ez genuen inolako arazorik izan maletak hartzeko garaian. Eguerdia zen eta aireportua pil-pilean zegoen, jendez mukuru, eta maleten ondoan geratu ginen gure bidaia-lagunak noiz iritsiko zain. Urduri geunden denok baina batez ere Itsaso eta Erre, Marisa eta Puru koadrilako lagunak zirelako. Nolakoak izango ote ziren Laida Ju eta Xiao Maren? Zer moduz joango zitzaien abenturaren lehenengo partea gure lagunei? Ate baten ondo-ondoan geunden eta erretzera atera ginenean ohartu ginen kanpoan, itzalean, hotza egiten zuela. Azkenik, hogei bat minutu zain egon eta gero, jendetza hartan ikusi genituen gure lagunak. Mikel eta Puru izan ziren lehenak maleta guztiak zekartzatela gurditxo banatan, gero Maxe, irribarre zabal-zabala ezpainetan, Xiao Maren aulkitxoan zekarrela, eta azkena Marisa Laida Ju-rekin. Eta gogoan dut Marisak Itsaso ikusi zuelarik korrikari eman ziola eta besarkaturik negarrari eman ziotela biek ala biek. Bidaiaren unerik politenetako bat izan zen. Koadrila bereko bi lagun haiek adopziorako ibilbide osoa eskutik helduta egina zuten, euren zalantzak, euren ametsak eta une latzak elkarren ondoan pasa zituzten eta soilik azken astean banandu ziren, unerik garrantzitsuenean hain justu, euren alabez “erditzear” zeudenean, herrialde berean baina elkarrengandik bostehun kilometrora. Zinez izan zen zirraragarria besarkada hura, betiko gogoan geratzen den une horietako bat. Haatik, ez zen bakarra izan. Izan ere, bizitzak etengabe egiten du aurrera, eta batzuetan “kaixo” esan behar den bezala, bestetan “agur” esan behar da. Beijingeko aireportuan Oliviari esan genion agur eta une hura ere berezia izan zen. Jacky Chang-i bezala, Oliviari ere kariño berezia hartu genion. Olivia gaztetxoa zen, neskatxa urduri eta inuzente bat, gazteleraz hala moduz moldatzen zena, eta pena sentitu genuen agur esatean. Eta esango nuke berak ere pena sentitu zuela guri agur esatean, ez alferrik gurea izan zen bere lehenengo adopzio taldea. Baina tira, esan bezala agurrek ez dute mundua geldiarazten eta, handik aurrera, Yolandak izeneko neska batek eramango zuen gure taldea. Irribarrerik ez Chongqingen bezala, Beijingen ere mikrobus bat genuen zain aireportuan. Erdiguneko Wanfujing izeneko hotelean hartu genuen ostatu, eta hara iristean ohartu ginen dena ezberdina izango zela. Harrera ikaragarri handia zen, dotore baino dotoreagoa, erdian eskalinata eder bat eta piano bat zuena. Bai probintziakoa bai hiriburukoa, biak ziren lau izarretako hotelak baina bata eta bestearen artean alde ederra zegoen. Gurea halakoa bazen, ezin imajina dezaket nolakoa izango ote den guri ez baina iparamerikarrei eskaini ohi dieten Hilton ospetsua!! Eta hotela hobea zela ohartu ostean, beste xehetasun bati ere erreparatu genion: bertako langileek, Chongqingekoek ez bezala, ez zigutela irribarre ziztrin bat ere eskaintzen. Tratua askoz ere hotzagoa zen, turisten bisitez kokoteraino baleude bezala. Chongqingeko zerbitzari prestu eta lagunkoiak, haien begirada jatorrak eta konplizitate keinuak bat-batean desagertu ziren, atzean geratu ziren, hango aldapetan galdurik. Chongqingeko hoteleko jangelakoek, barbarotzat jotzen gintuzten haiek, bukaerako keinuak egiten zizkieten gure alabei, laztantxo bat noizean behin, eta izan zen gurekin argazkia ateratzeko ausardia izan zuenik. Beijingen, ordea, hura guztia desagertu zen eta litekeena da hala behar izatea, hiriburuetan ohituta baitaude kanpoko jendea hartzen eta, ohituraren ohituraz, begikotasuna galtzen joan dira pixkana-pixkana. Xehetasun horrek, berez, ez dauka inolako garrantzirik, tratu hotzak ez baita tratu txarraren sinonimo, baina guretzat esanguratsua zen gure susmoa berresten zuelako. Beijingeko egonaldia ez zen Chongqingekoa bezalakoa izango. Ez genekien nolakoa izango ote zen, baina bai ezberdina izango zela. Eta halaxe gertatu zen. Beijingen ere dena primeran atera zen. Bisitak interesgarriak izan ziren, haurrak primeran egon ziren, Yolanda ere jatorra zen oso. Dena primeran, aizue! Ezin gogora dezaket une txarrik, eta handik ere gauza mordoa sartu genuen oroitzapenen maletan, ordurako nahikoa beteta zegoen horretan. Baina sentsazioa daukat ezen bi egonaldiak, biak ala biak primerakoak izanagatik, ezberdinak izan zirela. TXINA ETA BIOK Sentitzen dut baina ezin dizuet datu zehatzik eman Beijing-en ikusi ditudan gauza guztien inguruan. Yolandak, gure itzultzaileak, dinastiez eta enperadoreez hitz egiten digu etengabe, bertako jendeaz eta ohiturez, eta horrela ezin da, niri datuok ihes egiten didate. Lehengoan, esaterako, Harresi Handian izan ginen eta zenbat kilometro dituen eta zein urtetan eraiki zuten kontatu baziguten ere, niri dena ahaztu egin zait jada. Ni horrelakoa naiz. Txinatarrek harro-harro esaten dute Harresi Handia ilargitik ikusten dela, eta nik sinistu egiten diet. Beheko aldetik ikusita ikusgarria da, inguruko mendietan gora egiten baitu suge bat bailitzan, baina igotzen hasten zarenean beldurgarria da oso. Izan ere, eskailerak handi samarrak dira, eta jaistean hasten dira komeriak. Babesteko eraiki omen zuten baina nekez imajina daiteke ejerzito bat harresia erasotzen... Ejerzitoa aipatu eta Beijing militarrez josita dagoela etorri zait gogora. Gazte-gazteak dira eta edonon topa daitezke. Txinatarrek lanbide absurduetarako duten joera ezagutu ondoren ez nau batere harritzen. Lehengoan supermerkatu txiki batean emakume batek sakatu zigun igogailuaren botoia eta ziber-taberna honetan zortzi langile daude lau bezero hartzeko... Txina eta txinatarrak horrelakoak dira. Berrian argitaratua, 2005eko azaroaren 3an Ohiturak Beijingen egon ginen hamar egunen gaineko narrazioa Harresi Handira egin genuen bisitarekin has liteke inolako arazorik gabe. Edo bestela Udako jauregira egindako txangoarekin, edota hiri debekatuan zehar egindako paseoarekin. Baina lehenengoaren handitasunaz eta bigarrenaren edertasunaz luze mintzatzen dira bidaia liburuak eta nik ez dut Txinako monumentuei buruzko liburu bat idatzi nahi. Gainera, zer nahi duzue nik esatea, ez genien jaramon handirik egiten ematen zizkiguten azalpenei, nahikoa lan bagenuen gure alabei kasu egiten eta. Aukeran nahiago dut gordetako sentsazio zein oroitzapenen hariari tira egitea ezen ez monumentu haietan ateratako argazkiak deskribatzea. Hasierako egunak gogorrenak izan zirelakoan nago. Halako batean, hirugarren egunean denok pot egin genuen, egun haietako emozioek, bidaiek, eta gurasotasun estreinatu berriek leher eginda utzi izan bagintuzte bezala. Gainera, talde handiagoa izanik zailagoa zitzaigun eguneroko ohiturak finkatzea eta haiek gabe arraro sentitzen ginen. Gogoan dut hirugarren eguneko arratsalde hartan lehendabizikoz egon zela familia bakoitza bere aldetik. Ordura arte, elkarrekin joaten ginen toki guztietara, talde handian txangoetara eta talde txikiagotan arratsaldetako paseotara. Bazkariak txangoen arabera antolatzen genituenez, afariak gure kontura egiten genituen baina hoteleko jatetxea ez genuen oso gustuko –nabarmen garestiagoa zen, gainera- eta artean afaltzeko toki aproposik aurkitu gabe geunden. Gau hartan, ordea, familia bakoitza bere aldetik joan zen afaltzera, edo behintzat gu bakarrik egon ginen afaltzen janari azkarreko jatetxe batean. Kit-Kat moduko egun bat izan zen, geldialdi bat atseden apur bat hartzeko. Haatik, hurrengo egunean hoteletik berrogeita hamar bat metrora-edo, taberna txikitxo bat aurkitu genuen zeinak pasta eta plater konbinatuak ematen zituen eta, halabeharrez, hamar bat lagunentzako gela bereizi bat zuen. Handik aurrera, ia gauero jaitsi ginen taberna hartara afaltzera eta gehienetan familiaren batek huts egiten bazuen ere –haurren ordutegiek agintzen zituzten gure urratsak- guretzako eta solasaldirako tartetxo bat topatzen genuen han. Beijingen finkatu genuen lehenengo ohitura izan zen eta niri neuri, behintzat, garrantzitsua iruditu zitzaidan, hain garrantzitsua ezen, orain Beijing hitza entzuten dudanean, oroimenak tabernako gela bereizi eta txiki hartara eramaten bainau. Bi Txina Baina ez toki horretara bakarrik. Izan ere, zutabean aipatu ziber kafeak eta haraino iristeko zeharkatu behar izaten genuen bidezidorrak ere oroitzapen onak ekartzen baitizkidate. Itsasok azaldu zidan nondik joan behar nuen: etxadiaren beste aldean dago ziber kafea, eta bi aukera dituzu, edo buelta osoa eman, edo hotelaren parean dagoen kale estu batetik etxadia zeharkatu. Aukeran zeharkatzea zen onena, baina behin galdu nintzen aireportuan eta ez nuen esperientzia errepikatu nahi. Ederki damutu nintzen gero! Hiribideak hain ziren luzeak non etxadiaren beste aldera iristeko ordu erdi baino gehiago behar izan nuen! Handik aurrera, etxadia zeharkatuko nuela erabaki nuen eta, denbora asko aurrezteaz gain, kale estu haiek ezagutu ahal izan nituen. Beijingeko turismo gidetan agertzen ez den Beijing baten isla txikitxo bat alegia. Kaletxo hartan mikrobusetik ikusten ez genuena ikusi genuen. Harrizko etxe txiki zaharkituak ikusi genituen, txinatarrentzako jatetxe txinatarrak, merke-merkeak zirenak eta argazkidun kartarik ez zutenak –ez ginen, hala ere, sartzen ausartu-, auzoko fruta dendak, mekanikoak kale hura tailertzat zeukatenak… Atentzioa ikaragarri eman zidatenak lokal txiki batzuetatik irribarrez agurtu eta eskuaz beraiengana joateko agintzen zidaten emakumeak izan ziren. Nonbait ez zeuden ohituta turistak handik paseoan ikusten baina nik begirada jaitsi eta lurrera begira jarraitzen nuen aurrera, zer gerta ere. Bidaiaren bukaeran jakin nuen ile-apaindegiak zirela neska haien negozioak… Paseo hura ere eguneroko ohitura bilakatu zen niretzat eta ez dut ukatuko, handik pasa nintzen lehenengo aldian seko beldurtuta nengoen, baina ohituraren ohituraz gustua eta guzti hartu nion bidezidor hari. Kale hark hiribide handi batean zuen bukaera. Eskuinera jo eta handik berrogeita hamar metrora Itsasok gomendatu zidan ziber kafea zegoen. Handik bidali nuen zutabea eta egun haietan ateratako argazkiak gorde nituen ziber-espazioan, memoria txartelak mukuru egon ez zitezen. Zerbitzariak jatorrak ziren eta behin baino gehiagotan saiatu ziren gurekin hitz egiten, nongoak ote ginen jakite aldera. Haatik, nire ingeles kaskarrak –beraiena bezain kaskarra, esan dezadan bide batez- behin eta berriro huts egiten zuen eta komunikazioa zaila izaten zen. Google-ri esker Donostiako irudi batzuk erakutsi ahal izan nizkien baina uste dut ez zutela piperrik ulertu Basque Countryari buruz hitz egiten hasi nintzaienean… Bai bidezidor horretara, bai tabernara iristeko, errepidea zeharkatu behar izaten genuen. Zebrabidea berrehun metrora zegoen eta txinatarrak gai baziren errepidea alderik alde zeharkatzeko, gu ere gai izango ginen, badakizue, zer ikusi, hura ikasi. Beraz, guk ere ikasi genuen bi norabideak banatzen zituen marra gainean gelditzen. Hasieran beldurrez egiten genuen baina bukaerako inolako arazorik gabe egiten genuen, baita gauez ere. Wanfujiang izeneko kale komertzialera joateko, ordea, ez genuen horrelako balentriarik egin behar izaten, hoteletik atera eta eskuinerantz joz gero, bostehun bat metrora zegoen-eta. Kale komertzial luze eta zabal bat zen, egunez zein gauez, jendez gainezka egon ohi dena. Gu arratsaldez joaten ginen handik paseatzera eta erosketak egitera. Iluntzen hasten zenean, neoizko iragarki erraldoiek argitzen zuten kalea, New Yorken bageunde bezala. Ez zegoen ezer berezirik ikusteko baina gu gustura joaten ginen, ziurrenik hoteletik gertu zegoelako. Egun, Google Earth programari esker Beijingeko kaleak satelitez ikusten ditudanean, oso-oso gutxi mugitu ginela ohartzen naiz, ez genuela ia-ia ezer paseatu, Paris edota Bartzelona bisitatzean ez bezala, Beijingen ez ginela ibili kalez kale eta auzoz auzo mapa soil baten laguntzaren eskutik. Gure alde esango dugu nahikoa loturik geundela ordutegi aldetik, haurren loak zein otorduek agintzen zigutela uneoro nora joan eta zer ikusi. Agian horrexegatik ez genuen azken egunera arte ondo-ondoan zegoen txoko txinatar zoragarri hura aurkitu. Wanfujiang kalearen paraleloan zegoen kale txiki eta estu batzuk ziren. Berrogei metroko pasabide bat zeharkatu eta, artxila-mortxila!, bat-batean mundua alderik alde gurutzatzen genuen. Iragarkiz, arropa dendaz, janari azkarreko jatetxez, kapitalismoz beteriko kale komertzial batetik, auzo txinatar peto batera, berrogei metrotan. Gure munduko edozein hiritan topa daitekeen kontsumorako gune zabal batetik, txinatarren mundura salto txiki batean. Chongqing-eko kaleetan bezala, han ere janari postuak zeuden edozein bazterretan, taberna txikiak eta terrazak, txinatarrez beterikoak, eta txoko hartan mendebaldar gutxi bazegoen ere, baziren oroigarriak zein opariak erosteko postuak non derrigorrez tratua egiten saiatu behar genuen zerbait erosiko bagenuen. Jende mordoa egon ohi zen txoko hartako kaleetan eta terrazaren batean esertzen ginen giroa ikuste aldera. Gogoan dut ezen halako batean, terraza batean eseririk, balkoi zabal batean egiten ari ziren opera txinatar bat ikusteko aukera izan genuela. Antzeko zerbait ikusia genuen Chongqing-en eta piperrik ulertu ez bagenuen ere, primeran pasa genuen. Hori bai, Garazi ez zen oso konforme geratu balkoiko pertsonaje hura Txinako Porrotx zela esan genionean… Lolex, Lolex Ohartuko zinetenez, narrazio honetan behin baino gehiagotan agertu da bidaia hartako kontraesan nagusia, alegia, gure sentsazioak txinatarrekiko eta beraiek gurekiko zuten ikuspegiaren arteko talka. Chongqingen ikusi eta Beijingeko txoko polit hartan ikusitako operak igual-igualak ziren funtsean. Gizonezko batek, aurpegia zuriz margoturik, emakume baten papera egiten zuen eta istorio bat kontatzen zuen –ez galdetu zertaz, esan bezala, hitz bat bera ere ez genuen ulertzen eta-. Chongqing-en bezala, han ere bazebilen burusoil bat emakume hura zirikatu nahian. Bai, funtsean istorio bera zen. Nik, ordea, bi emanaldi haiek ezberdinak izan zirelako sentsazioa daukat eta bigarren hartan gusturago egon ginelakoan nago. Lehenengora turista moduan joan ginen eta propio egin zuten emanaldi hura guretzat. Bigarrena, ordea, kasualitatez topatu genuen eta txinatarrentzako emanaldi publiko bat zen. Ez dut ezer bidaiatzeko era horren kontra, baina argi genuen gu ez ginela turistak, ez geundela han turismo egiteko, eta turismo egin bagenuen ere –argazki albumak ikusi besterik ez dago- gure gogoa eta asmoa ez ziren haiek. Egun gutxi genituen gure alaben kulturaz zein jaioterriaz ongi jabetzeko, etorkizuna prestatzeko, egunen batean egingo dizkiguten galderen erantzunak jasotzeko. Eta erantzun haiek Harresi Handian eta Udako Jauregian zeuden bai, baina baita gidatan agertzen ez diren kale haietan ere, usainetan eta janari postuetan, ile-apaindegietan eta ziber-kafeetan. Txinatarrei, ordea, ez zitzaien gure ikuspegia gehiegi interesatzen. Beraientzat turistak gauza zehatz batzuk ikusi behar ditu eta besteak, aukeran, hobe ez ikustea. Honen adibidea Hutong-era egindako txangoa izan zen. Hutong Beijingeko alde zaharra da. Gure alde zaharren antzera, kale estu-estuak dira eta bertan harrizko etxetxo txikiak topatu genituen. Hara iristeko, bizi-taxi batzuetan jarri gintuzten eta paseo ederra eman ziguten Hutong-etik. Paseoaren erdia-edo egina izango genuen Yolandak karabana geldiarazi zuenean. Antza, etxe txinatar arrunt bat ikusi behar genuen. Eta halaxe izan zen, etxe tipiko bat ikusi genuen, etxe karratu bat, erdian patio txiki bat zuena. Lorategi baten antzeko zerbait eta kaiolatutako txori batzuk zituen patio hark eta handik etxeko gela guztietara sartzen ginen. Hirurogei urte inguruko emakume jubilatu bat zen jabea, eta Yolandak itzuli zizkigun haren hitzak. Etxe hartan ez zegoen luxuzko ezer, baina, era berean ez zitzaion ezer falta. Ordubete inguru egongo ginen emakumearekin hizketan eta handik ateratzean, leku turistiko orok izan ohi duen saltzaile andana oldartu zitzaigun zer edo zer eros geniezaien. Eta saltzaileak han egoteak –guk “Lolex” ezizenaz bataiatu genituen saltzaile haiek, Rolex erloju faltsua baitzen haien produkturik “onena”- zera esan nahi zuen, turista guztiak etxe horretara eramaten gintuztela. Ez zen, beraz, hain arrunta etxe hura. Etxe hura zen guk ikusi behar genuena, eta emakume haren azalpenak ziren guk entzun behar genituenak. Hutong-eko beste edozein etxetan sartu izan bagina gauza bera ikusiko ote genuen? Ezin jakin. Dakidana da egoera hura bidaia osoan zehar errepikatu zela eta ziurrenik halaxe behar zuela, haien munduan zein gurean dolarrek agintzen baitute. Haatik, guk, aukeran, nahiago genuen horrela izan ez balitz. Mongolia gainetik Tira, ba, horrela joan zitzaizkigun egunak Beijingen. Bukaeran etxera itzultzeko gogoz geunden denok. Izugarri ondo geunden baina nekea sumatzen genuen, eta etxean bezala inon ez. Gainera, Garazi nahiko gaizki pasatzen ari zen, txinatar guztiek ukitu eta laztandu nahi izaten baitzuten, hain zen handia neskato errubia txiki batek sortzen zuen ikusmina. Izan genuen, hala ere, denbora nahikorik berriro hanka sartze eder bat egiteko –Beijing osoa zeharkatu behar izan nuen taxi batean, Espainiako enbaxadara iritsi eta hara eraman beharreko paper guztiak hotelean ahaztuta utzi nituela konturatu ostean-, bai eta hainbat bitxikeria ikusteko ere –McDonalsen propaganda zuen aterki baten azpian gau eta egunez mugitu gabe zeuden militarrena ez zait sekula ahaztuko-. Eta ohartu ginenerako mikrobusean geunden maleta eta guzti. Hemezortzi egun generamatzan etxetik kanpo, bagenuen etxera itzultzeko garaia. Goizeko 7etan genuen hegaldia eta 3’30etan elkartu ginen hoteleko harreran aireportuan goizeko bostetan egon ahal izateko. Azken ordainketak egin genituen hotelean eta aireporturantz abiatu ginen. Zain geunden bitartean kafetegi batean gosaldu genuen eta handik itxaron gelara joan ginen. Artean ez genekien itxaronaldia izugarri luzatuko zela… Ez dakit zehazki zer gertatu zen baina zain geundela zera jakinarazi ziguten, gure hegazkina ez zela prest egongo gutxienez goizeko hamarrak arte. Geroxeago hamaikak arte esan ziguten, eta azkenean, ordu batean hartu zuen zerurako bidea. Horrek zera esan nahi zuen, Madrila eguerdian iritsi beharrean, arratsaldeko seiak pasatxo iritsiko ginela –mendebalderantz joan behar genuenez, sei ordu irabaziko genituen-. Gainera, hegaldia zuzena bazen ere, Berlinen gelditu behar genuela esan ziguten, depositua betetzeko, nonbait. Okerrena ez zen itxaron behar izatea, baizik eta arratsalde hartan bertan, Jesusek, Estherrek eta Garak beste hegaldi bat hartu behar zutela Madrilen Santiagora iristeko eta denbora aldetik larri ibiliko ziren. Besteontzat ere ez zen ona atzerapena zeren mikrobus bat gure bila joatekoa baitzen Donostiatik Barajasera eta han itxaron beharko zuen sei ordu luze… Baina tira, dena ez zen txarra izango eta atzerapenaren ostean iritsi zen itzuliko bidaiaren berririk onena. Gure sorpresarako, berrogei bat lagun baino ez ginen hegaldi hartan eta berrehun bat eserleku hutsik joango ziren. Ia-ia dena guretzat zen eta joandakoan ez bezala, itzulerakoan lasai arraio joango ginen. Gogoan dut, denbora luzean ez genuela Garaziren berririk izan, gurekin haserre omen zegoen eta Maxeren eskutik joan zen hegazkinaren aurreko aldera. Bitartean, Enara, Aintzira eta adoptatutako haur guztiak lo ez zeudenean, katuka zebiltzan handik eta hemendik eta azafatek besotan hartzen zituzten gurekin solasean zeuden bitartean. Esan bezala oso bidaia lasaia izan zen itzulerakoa. Hegaldi hartatik bost irudi gorde nituen nire oroimenen kutxan: lehenengoa Harresi Handiari dagokio. Hegazkina artean garaiera egokia hartzen ari zelarik, Harresi Handiak zeharkatzen duen mendikate osoa ikusi ahal izan genuen, eta zinez da ikusgarria. Bigarren irudia Mongoliari dagokio. Pilotuak jakinarazi zigunean Ulán Bator-en gainean geundela denok hurbildu ginen korrika leihatiletara. Mongoliako hiriburua atzean utzi genuenean, basamortu menditsu bat baino ez genuen ikusten, ez zen ezta herri bakar bat ere ikusten hamar mila metrora egonik ere! Hirugarrena hegazkinaren depositua betetze aldera Berlinera jaisten ari gineneko unea da. Izan ere, hegazkina hurbiltze lanak egiten ari zelarik, hango basoak eta lakuak ikusteko aukera izan genuen, zoragarria benetan. Bukaerarik gabeko bukaera. Barkatuko didazue behin puntu honetara iritsi ondoren pause botoia berriro sakatu izana. Badakit liburu honen azken orrialdetan gaudela eta badakit, halaber, ez dudala bete azken paragrafoan agindutakoa, alegia, ez dudala itzulerako hegaldi hartatik atera eta oroimenaren kutxan gorde nituen bost irudien zerrenda amaitu. Haatik, baditut bi arrazoi azken eten txikitxo bat egiteko. Lehenengo arrazoia gertakizunen kronologiari buruzko azalpen bati dagokio. Izan ere, hasierako irudiak ez bezala –Harresi handia, Mongolia eta Berlineko aireporturako hurbiltze lanak- azken biak ez dira liburu honetan kronologikoki ordenaturik azalduko eta, gauzak horrela, bosgarrenaren narrazioa laugarrena baino lehenago iritsiko da. Bigarren arrazoia pragmatikoagoa da. Izan ere, bada hausnarketa txiki bat egin nahi dudana eta hauxe dut unerik egokiena. Horrela egin ezean, epilogo bat idatzi beharko nioke liburu honi eta horixe bera da ekidin nahi dudana. Zergatik? Bada, erraza da erantzuna: istorio honek epilogorik ez duelako. Kontua da erabil nezakeela Enara Fuhan etxera iritsi zeneko irudia liburu honi bukaera emateko. Bukaera polita litzateke, inondik ere, Madrildik Donostiarako bidaia kontatzea. Esan nezake, esaterako, bidaia gogorra izan zela eta gogoan dudala lo egin nahi eta ezinean egon nintzela denbora luzean baina haurren negarrek ez zidatela lo egiten utzi. Etxegarate jaisten ari ginela lehenengo aldiz ohartu nintzela gure bidaia amaitua zela, lehenengo aldiz esan niola nire buruari: “kitto, iritsi gara etxera”. Donostiara iritsi eta etxera joan aurretik mikrobusa Egiatik pasa zela, Aintzira eta Laida euren etxe berrietan uzte aldera. Gero Alde Zaharrera joan ginela. Eta esan nezake Enara Fuhan lo goxoan sartu zela bere etxean. Eta Chongqingera iritsi ginenean bezala, euria ari zuela gogotik. Baina arestian esan bezala, ez ditut irudiok erabiliko liburu hau bukatzeko liburu honek bukaerarik ez duelako. Ezin du epilogorik izan osorik baita sarrera. Liburu hau Enara Fuhan-en istorioaren sarrera da. Liburu hau falta diren bi kapituluetako bat da, hutsuneak betetzera eta galderak erantzutera datorrena. Ez ditu, jakina, zulo guztiak estaliko ezta erantzun guztiak emango, baina saiatu behar nuelakoan nengoen eta saiatu naiz. Hemendik aurrerakoak, baina, ez ditut nik idatziko, ezpada Enara Fuhanek berak. Bere istorioa baita. Ez nuke, baina, bukaerarik gabeko bukaera honetan zuekin zorretan geratu nahi, eta azken hausnarketa egin ostean, badut garaia berriro atzera egiteko eta arestian agindutakoa betetzeko. Alegia, badut garaia bidaia hartatik gorde nuen azken irudia zein den kontatzeko. Azken irudia ikusteko etxera ekarri gintuen hegazkinera itzuli behar dugu, ia hutsik zihoan hegazkin hartara. Azken irudi hura ikusteko ez dugu hegazkineko leihatilatik kanpora begiratu behar, ezpada barrura, eta aurrekoak ez bezala, ez dagokio paisaia bati, ezpada nire buruari. Hegazkinaren azken eserlekuetan eseri nintzen eta pare bat ordu eskaini nion Txinara egindako bidaiari buruzko azken zutabea idazteari, etxetik bertatik bidaliko nuen azken kronika hura. Ohartuko zaretenez, lehenengo pertsonan kontatuta badago ere, apur bat urruntzea aukeratu nuen. Aurreko zutabeetan ere ez nuen txintik esan gure bidaiaren arrazoiaz eta horrela uztea ideia ona zela deliberatu nuen. Egunen batean Enarak irakurriko du eta espero dut bere gustukoa izatea. FENG FU HAN Txinarako bidaia zoragarri hau bukatzear dago –hegazkinetik ari natzaizue- eta bihotzean sentimendu nahasketa handia daramadala banoa Euskal Herrirantz. Alde batetik, gogoa daukat etxera iristeko. Egunerokotasunak ere alde onak ditu eta nekatuta nago nirea ez den ohe batean lo egiteaz. Beste aldetik, pena handia daukat, atzean uzten ari garen herria benetan baita ederra. Hemezortzi egun izan dira eta betiko geratuko dira oroimenaren kutxan. Hegazkin honetan adoptatutako zortzi bat neskato datoz euren familia berriekin. Nire ondoko eserlekuan Feng Fu Han txikia dago, leihatilatik begira. “Fu” hitzak “zortea” esan nahi du. “Han” hitzak, berriz, “barneko edertasuna duena”. “Eta Feng?” galdetu diot bere amari. “Fengdu hiriko umezurtz-etxeko haur guztiek “Feng” abizena daramate” Fengdu hiria Yantze ibaiaren ertzean dago eta 2009an Hiru Arroilen presa ikaragarria bukatutakoan Yantzeren uretan murgilduta geratuko da. Ia 60.000 lagunek utzi beharko dute Fengdu eta presa amaitzen dutenerako guztira 2 miloi lagunek utzi beharko dituzte euren etxeak. Feng Fu Han-ek leihotik begira jarraitzen du, irribarretsu. Begirada tristea dauka, baina, eta hain txikia ez balitz, berak ere bihotza erdibiturik daukala pentsatuko nuke, badakiela hegazkin honek etorkizun ezberdin baterantz daramala eta, era berean, badakiela laster bere sorterria –bere iragana- Yantze ibaian desagertuko dela. Baina hain da txikia… Berrian argitaratua, 2005eko azaroaren 10an
AURKIBIDEA Itzultzailearen hitzaurrea (amatxo) (aitatxo) Idaztea koldarkeria ariketa da Ongi etorrizko akuamarina poema: 2014 Historiari hasiera ematen dion sepiazko poema: 1578 BITXIKERIA 0 Alkimia sekretu batekin poema gris zeharrargia: 1985 Hauxe da maitasunari buruzko nire poema-bilduma Poema gorria: 1945 [Zer esan nahi duzu poema gorri batekin BITXIKERIA 1 Koldarkeriagatik lotsa beti egon dira mugak BITXIKERIA 2 2009 Hotza eta oxigeno falta Dena da hauts-kolorekoa. Gogoratzen al duzu denborak erritmo aldakorrak zituela? beste aste bat vis a vis barik isolamendua poema beltza: Jende guztiak daki kartzelan emandako egunek Nahi nuen idatzi poema polit bat 2014 Poema malba: [Zer esan nahi duzu poema malba batekin Nire izate osoa hainbat ezkatatan BITXIKERIA 3 Musika taupadaka Ni ez naiz inoren musa Eskailerak garbitzen atleta naiz 2003 BITXIKERIA 4 Hau bakarrik ulertzen da audioan Grabitazioa da unibertsoan Arrosa txikle poema Zer iritzi du zentzu komunak egarriari buruz BITXIKERIA 5 Ez dago egutegirik, eta hau ez da baratze bat Beharrezkoa da denboraren abiadurari buruzko gezurra BITXIKERIA 6 1963 Etxean tiraderak beteak BITXIKERIA 7 2013 Zergatik ez dago santu beltzik Zer pentsatuko dute xerpek arabiarrek utzi zituzten hitzik gozoenak afro-amerikar batek badu hogeita bat aukera gehiago Eta zuk diozu ez zarela besteen modukoa? [Korden teoriarik ohikoenean distopiak (toposaren bitxikeriak) Bora-Bora-Bueu-Bueu Lima-Madril-Bagdag NYC-Shangai-Mexiko D.F. Salvador de Bahia-Pena Moa-Kibera Triquinimale-Vigo BITXIKERIA 8 Eta zeraren zera bat nuen Gehitzen zuen proportzio berean Plutonioko partikularik txikienen abiadura ugaztunen gorputzetan sartzen. Non daude jatorrizko herrietako emakumeak? BITXIKERIA 9 2310 Orrazten dut Poema magenta: BITXIKERIA 10 2078 Ez dago hizkuntza hilik AZKEN BITXIKERIA Errezeta-liburu modernoek Poema urdin argia, egunsentiaren antzekoa: (minaren ostean daude esan ezin diren gauza horiek Zikloak errepikatzen dira Itzultzailearen hitzaurrea 2020ko abuztua, Galizian, euripean, euri jasa itzela. Aurreko egunean Charo Lopes-ek oparitu zidan liburu hau, dedikatoria eta guzti. Itsasertzean euria zelan jausten den begira nagoela, liburua hartu nuen. Poema bat irakurri nuen. Gustatu zitzaidan. Hurrengo irakurri nuen. Hau ere gustatu zitzaidan. Liburu osoa irentsi nuen eta berriro hasi nintzen. Handik laupabost egunera Charorekin berriro batu eta esan nion: itzuliko dut zure poemategia. Bulkada izan nuen, euskal irakurleak liburu hau gozatzeko aukera izatea nahi nuen. Aukera gutxi dugu euskaldunok poeta garaikideen itzulpenak irakurtzeko eta iruditzen zitzaidan nik ale apal bat egin ahal nuela. Esan eta egin. Liburua hartu eta itzuli nuen. Eta gero plazaratzeko bideak topatu. Eta booktegik eman digu aukera hau, irakurtzeko ez ezik, entzuteko ere. Otzanak eta asimilatuak izatearen aurkako amorrua. Esaldi horrek laburtu dezake Charo Lopes-en poemategi hau. Zaurian ozpina botatzen du, baina, era berean, aurre egiteko dohaia ere ikusten zaio egileari. Eta, jakina, laburpen guztiak bezala, gezurra da edo, hobeto esanda, beste hainbat gauza ostentzen ditu. Minetik abiatzen dira poemak, zapalkuntzatik, pobre eta emakumeen aurkako gerra pairatzetik. Hor kokatzen da egilea, hor kokatzen gaitu egileak. Baina hori guztia panfletotik urrun (edo gertu), egitura narratiboan txertatua. Eta erreferente matxinoak ekarrita: sorginak, esklaboak, emakumeak, emakumeak, emakumeak, presoak, … Oraingo eta lehengo erreferenteak, hangoak eta urrunekoak. Dena pasadizo txikien bidez, han eta hor egindako argazkien bidez, nahaspilatuz, irab iatuz eta txirikordatuz. Hori bai, guztiak hari ikusezin sendo batek josiak: menpeko izateak dakarren ezaugarria. Galiziatik abiatzen da Charo. Galiziatik. Eta identitatetik, eta “indigena” izatetik ere abiatzen da poemategi hau, eta horrekin ere brikolajea egiten du. Eta horrekin ere bat egiten du Charo Lopes-ek aukeratu duen hizkera bera. Galizieraz idatzi du bai, baina nazioarteko araudiari jarraitzen dion hizkeraz. Hau da, lusofoniaren beste herrialdeekin lerrokatutako mugimendu sozialaren barruan kokatzen du bere burua Charok hizkera hori erabiliz. Mugimendu horrek uste du galiziera eta portugesa hizkuntza beraren bi aldaki direla, eta, horrela, galizieratik abiatuta, portugesaren arau ortografikoen arabera idazten dute. Eta hori, gaur eta Galizian, bazterrean kokatzeak esan gura du. Menpeko kokatzeak, hain zuzen ere. Charo Lopes-ena ahots berria da Galiziako panorama poetikoan. Charo Lopes-ek nire ustez freskotasuna eta amorrua dakar zaku berean. Argazkilaritza du lanbide, komunikazioa du lanbide, eta aktibismoa du lagun, aktibismo politikoa eta soziala, eraldaketari emana. Eta horrek guztiak modu batera edo bestera du isla liburuan. Izan ere, batzuk sinestu genuen behinola berben bidez ere mundua eraldatu zitekeela. Berbek sortzen dute, sorrarazten dute eta errealitate bilakatzeko aukekra ematen dute. Berbek esan ez ezin, egin ere egiten dute. Gozatu, pentsatu eta ez sinistu poemategi honekin, irakurle! Gustatzen zait Ikaro, bazekielako argizaria urtuko zela eta, hala ere, eguzkirantza egin zuelako hegan. Gustatzen zait neska hura, antzeman zuena Bizar Urdinaren bizarra urdina zela hori zen, hain zuzen ere, arrazoia. Gustatzen zait Loti Ederra, azkenean lo egiteko plantak egiten zituelako. Gustatzen zait Edurnezuri, berarentzat nanoak zirelako neurotiko kuadrilla bat. `Nor eseri da neure aulkian? Nork jan du neure plateretik?´ Eta Edurnezurirekin laguntasun harreman handia ez zuen nanoa ere gustatzen zait: `Bera hemen bizi ez zenean, bakarrik ginen zazpi. Eta orain? Ikusi orain.´ Erraldoia ere gustatzen zait, ernegatzen zelako jende guztiak bere botei zapata deitzen zielako. Ez zait gustatzen bere ipuinean patxadaz egokitzen dena. Baina, batez ere, gustatzen zait Ikaro, bazekielako argizaria urtuko zela eta, hala ere, eguzkirantza egin zuelako hegan. TJISKE JANSEN Frontea dagoela esatea lerroa gainditzeko beharrezkoa da, baina ez du bere horretan lerroa gainditzen. Borrokak bakarrik egin dezake hori. Ez horrenbeste handitasunari dei egiten diolako, baina bai komunitatearen esperientziarik sakonena delako, erabateko suntsidura ia-ia ukitzen duena eta arriskuaren muturreko gertutasunean bakarrik neurtzen duena. Elkarrekin bizitzea basamortuaren bihotzean, berarekin bakerik ez egiteko asmo irmoarekin, hori da proba, hori da argia. TIQUUN Arriskuak bakarrik salbatzen du Das Kapital Muga da espazioaren benetako protagonista. Oraina, beste muga bat, da denboraren benetako protagonista. MARIA DO CEBREIRO (amatxo) Gure ama txerokia. Arousako kontserbetan lan egiten duten 3.000 andreren artean, gozoena. Galtzeko zorian dagoen hizkuntza baten xuxurlatzailea. Zortzi urte zuenetik esne banatzailea. Aitaren partetik umezurtza. Nekazaria bederatzi urte zituenetik gaur arte. Ile apaintzailea nerabezaroan. Ama hogeita hiru urterekin. Ama hogeita bost urterekin eta hogeita bederatzirekin eta hortik aurrera. Amabitxia hiru bider. Sukaldaria. Jardunaldi osoz garbitzailea. Izarak eguzki aldera hegaldatzeko zelako trebetasuna duzun, ama. Zelako zentzumen arraroarekin sumatzen dituzun larruan ume garenetik jaso ditugun kolpe guzti-guztiak. Zelako isiltasun arretatsu eta sekretuarekin betetzen duzun gela berotasunarekin, jartzen dituzun burukoak ohea eta gau-mahaiaren artean, amets egiten dugun bitartean ertzarekin ez jotzeko. Argiarekin eta opilekin itzartzen gaituzun arte. (aitatxo) Gure aita apatxea. Lurraren kolorea duten esku nekazarien jabe. Botere magikoduna, gailu mekaniko eta elektrikoak berpizten dituen proletarioa. Egurra mozten atleta eta gorbelaren prentsatzaile gorena gure traktore gorriaren atoiaren goiko partean. Labore eta ortuarien emagina. Behiak erditzen laguntzeko eta txakurrak ehorzteko kapaza. Oiloak exekutatzeko eta arrautzak argiarekin inkubatzeko kapaza. Aita zeharo gozoa, behar zenean bero transfusioen emailea. Egia zuzenen hizkuntzan hiztuna erreka sigi-sagatsuan barrena. Bere alaben etorkizunaren defendatzaile sutsua, grebalari zuhurra eta ezinbestekoa. Patata zuritzailea. Eskualdeko igerilaririk onena, naufragoen salbatzaile hondartza eta ibaietan. Haur ipuinen irakurlerik dotore eta saiatuena. Idaztea koldarkeria ariketa da Egolatria, non norberaren hitzak oihartzun modura entzuten diren elefante guztien tronpetan. Oreka galtzeraino. Arrisku biziz oinak lurretik altxatzeko eta puztuta eta ezdeusa amaitzeko, helio puxika bat bezala. Ekintzatik urrun. Pertsonetatik urrun. Gugandik kanpora. Hitzekin autista bizitzen. Egoagatik ez bada, zergatik sinatzen dut nire izenarekin? Baina jende guztiak daki sirenok ez dakigula idazten eta argi dago hau ez dela Sole Handiaren uretako musika. Ongi etorrizko akuamarina poema: 2014 eguzkia hondartza palmondoak surfa Baliko hondartzetan mendebaldeko bainularientzat prostitutarik exotikoenak eta delikatuenak izateko prestatzen ari diren umeen aurrean good waves. -txaloak- ederra da hegan egitea olatuen gainean hain esmeraldak hain gardenak bombay sapphire bezala koralaren gainetik poztasuna udako barbakoak auzo txinatarretan hemen ez da beharrezkoa hamahiru bisoiko berokia izatea bizar urdin barbaroa ekintzaile izpirituarekin Costa Rican abentura-turismoa. Pura vida. Hildakoak El Salvadorren. Baina inork ez dio uko egingo bere beltzaran koloreari? Denok maite dugu odola edatea. Historiari hasiera ematen dion sepiazko poema: 1578 Gaiztakeria eta gaueko hegaldiak. Inkisiziosantua. Ezpataz edo suarekin hildako milatik gora heretikoen odolak punpa egiten du nire erraietan. Gu izango gara dontzeila beginak, aizkoradun adelitak, kobrak edoskitzen dituzten sirenak, kartzelariak pozoitzen dituztenak, mediku abortistak, emakumeen maitale eztiak. Leku orotan gara gu. Ez errubi harriak ezta zafiro urdinak ere atxabitxi eta sustraiak gara. Jainkosa taupakarien hilekoaren odola sarraskia dakarten karabelen kontrako Andeetako mago indiarrak. Honek ez du ereserkia izan nahi pozik ez zeudelako Saharaz azpiko hirurogeita hamar miloi beltz-beltzak beldurra jariatuz begietatik transatlantikoen kaioletan. Ederra litzateke hori bai, heresia herrikoi bat antolatzea denok dantza dezagun harearen gainean hirurogei zentimetrotan orduen aurkako zentzuan. Mertzenarioak akabatzeko gizonen modura jantzitako 26.000 ehuleak ez daitezen gutaz lotsatu. BITXIKERIA 0 Margarita erre zuten isiltasun itogarri batez, Falconettiren isiltasunaren tankerakoa, uko egin ziolako uko egiteari. Ehortzi zuten lur heretikoan norbaitek idatzi zuen “sorgina”, letra guztiekin. Lola, bere maitalea, laurdenkatua izan zen eta bere atalak bideetan jaurtiki zituzten. Horra Inozentzio VIII.aren aitasantutza. Alkimia sekretu batekin Alkimia sekretu batekin ametista lila eta distiratsu bihurtu zituzten errautsak errezetak zeraman ur termala hezurren hondarrak ereinotz egurrarekin eta anis ukitu bat lurraren nerbio-bukaerak eta oihuak alaben begiradapeko isiltasun beldurgarria Lurraren oinak bularraren arrazoia besarkaden besoak ebakita madarikatzen dut nik ere zuen jainko antropomorfoa hizkuntza minorizatuetan. Eta txarragoak izan gaitezke. Edango dut odola eta jango dut okela -ora pro nobis- eta mila bider marichiweu mila bider poema gris zeharrargia: 1985 Nire tribuan hitz egiten dute ezkilek eta hodeiek. Heriotzari buruz, suari buruz edo ekaitza dakarren jakiteko. Espoliazioa isiltasun hutsa da. Zarata gauza serioena da, garbigailuak bezala, elikagaien propietateak edo jabetza bezala. Inon ez da hitz egiten nire nekazaritza aldiriari buruz. Pobreziaren feminizatzeaz edo belar printza bakoitzaren, lur zati bakoitzaren, eskuetan emandako musu bakoitzaren, zure gorputzeko ile bakoitzaren politizazioaz. Isiltasuna eta lotsa sartzen ari dira. Bortxaketek beti dute horretatik zerbait. Hauxe da maitasunari buruzko nire poema-bilduma Hauxe da maitasunari buruzko nire poema-bilduma: asmo-deklarazioa ezeren aurretik, eta ondo kokatuta eta zigilatuta naukazunean zeure aurreiritzien laukian, eman su nire polizia-fitxari eta ikusi sutan nire delituen deskripzioa eta nire eskortzoaren argazkia. Sirenok, unikornioek bezala, matxinadarako joera dugu. Ezin dut saihestu sua piztea itsasbazterreko harrietan, aparra eta kusku biko maskorren artean. Gero helduko da bakea. Poema gorria: 1945 Zelan beilatu erritu pagano eta lorezko batean berrogeita bostean eraildako 25 miloi errusiar zelan musukatu grina nekrofilarekin fusilatu berri dituzten hamahiru partisanoen ahoak odola miazkatu eta gorputzetik aterako dira loreak koroa freskoak hezurren inguruan nahaspilatuz harri eta krisoberilokoa 8,5eko gogortasuna Mohs eskalan mea emankorra arrosaz inguraturik. [Zer esan nahi duzu poema gorri batekin [Zer esan nahi duzu poema gorri batekin gaur eta hemen? Grabitatea da naturaren lau indar funtsezkoenetako bat, indar nuklear bortitzarekin, elektromagnetismoarekin eta indar nuklear ahularekin batera. Grabitatea da objektu bizigabeen mugimendua arautzen duen espazioaren eta denbora kubarduraren ondorioa. Grabitatea da elkarrekintzan dauden gorputzen masekiko proportzionala eta alderantzizko proportzionala ber bi euren arteko distantziarekiko.] BITXIKERIA 1 Rafalek simaurtuko ditu Krimeako lurrak sputnik guztiak herdoildu ostean. Hor, zeruan, ikusi ditzakezu sorginak hegan erratza gainean edo Polikarpov PO-2 batean. Bere arekan euria egingo du eta haziko dira txikoria-belarra, santiago belarra, basailenak, igitaiak, koplak, harriak, metala, tximeletak, dinamita, eta berriro jaioko da, ostera ere, lurraren sabeletik. Koldarkeriagatik lotsa Heldutasunik gabeko baldintza eta teknologiarekiko menpekotasun berrien gainean lotsa koldarkeriagatik lotsagatik aitzakiengatik Baina amaiera heldu baino lehen espirituei galdetuko diet ea non ezkutatu zituzten lehergailuak egokia izango litzatekeelako behingoz amaitzea gure kontrako gerra honekin. beti egon dira mugak beti egon dira mugak baina lehen artzainek ez zuten ematen deskarga elektrikorik. BITXIKERIA 2 Kartzeletara joan ginen eta kanpo aldetik egin genuen oihu. Preso batzuek euren ziegetatik agurtzen gintuzten. Isiluneetan txistuekin erantzuten zuten eta besoak ateratzen zituzten leihoetatik. Haietako batek oihukatu zuen: “Diego dut izena”. Eta nik bere izenarekin agurtu nuen. 2009 Ahaleginak egin zutunik mantentzeko eta esfinterrak kontrolatzeko. Izua. Horixe da, hain zuzen ere, atxiloketaren esangura: ehizatua izatea. Hotza eta oxigeno falta Hotza eta oxigeno falta nire ahizpen aurpegia garraiatzen albiste mingarriak eta astunak tortura biziarteko kartzela zigorra Langraiz bidea eta FIES 3 bezalakoak. Dena da hauts-kolorekoa. Dena da hauts-kolorekoa. Kartzela hau arrainez betea dago. Altxatzerik izan al da inoiz hemen? Gogoratzen al duzu denborak erritmo aldakorrak zituela? Gogoratzen al duzu denborak erritmo aldakorrak zituela? barruan erritmoa bihurritzen da eta luzatzen da amaigabeko fado bat bezala ebakitako musika errepikatzen Behin hormigoia miazkatu nuen ea zer zapore zuen jakiteko - zer zapore zuen? - hormigoi armatu zaporea. beste miaketa bat hormetako pinturak birrintzen beste kunda bat burua birrintzen bazkaria bekainak birrintzen errekuentoa leihoak birrintzen ez dugu marradun uniformerik txandal propioa baizik eta Indonesiako hondartzak eta imajinatutako beste paisaia batzuk margotzen ditut akuarelan beste aste bat vis a vis barik isolamendua poema beltza: munduko erdiguneak panoptikoa duela eta txarrantxa batekin amaitzen duela onartu arte hemen ikasi nuen idazten, kanpoan gose nintzen baina nire ziegakideen suizidioen datak tatuatzea baino ez dut lortzen Jende guztiak daki kartzelan emandako egunek Jende guztiak daki kartzelan emandako egunek hiru bizitza gordetzen dutela. Eta ez dago balio duen habeas corpusik. Askatu nauten honetan dagoeneko ez dakit ibiltzen. Nahi nuen idatzi poema polit bat Nahi nuen idatzi poema polit bat eta mingarria, venus bat abortatzen bezalakoa Nahi nuen Mandelaren lasaitasunean pentsa zenezan kartzela esaten dudanean esmeraldak bezala dir-dir egin zitzaten presoen eta kartzeleroen imitaziozko bitxiek eta bertso bakoitzaren ostean irribarre egin zenezan iodoarekin batera Hau gertatu daiteke ulertzen badugu bizitza horrela heriotza bezain ederra den zerbait bezala. Trantsito bat non konparazioak ezpata fin-finak diren eta justizia den kanpoko zerbait, arrotza. Eta Jainkoan sinesten baduzu, gozatuko duzu ikusten puten eta mojen arteko maitasun puru hau kartzelan, lehiarik eta justiziarik gabe, bakarrik bi emakume elkar maitatzen gerlariak balira bezala Baina itzul gaitezen poemara pentsatu ezazu bertako zuhaitzetan koralean itsasoko olatuetan diseinu orientaletan laranjondoaren lorearen usain delikatuan horrekin ere amets egiten dute presoek musuekin artozko ogiekin laztanekin helduko ez diren visekin citalopramekin aizundu gabeko heroinaren ziztada behin betikoekin. Batzuek -bizien daudenek- ere amets egiten dute mendekuarekin baina ez dut nahi horrekin luzatu itzul gaitezen maitasunera. Ez dezaten esan testu hau atera zenik COPELeko bulego zentraletik. 2014 A zer gezurra denboraren erritmoa iraunkorra dela denborarekin mina gutxitzen dela denbora ez da existitzen bakarrik mina eta bere historia Mina bihurtzen ari da gor eta leun burmuinaren txoko horretan non ume hilen kaxak eta holokausto edo bakegintza bezalako berba zabalegiak pilatzen diren Sionen kantuak abesten diren bitartean Erreken ondoan, Babilonian, han esertzen ginen, eta negar egiten genuen Abu Ali Mustafa gogoan hartzean (137. salmoa) Poema malba: A ze gezurra genozidioaz hitz egitea eta ez gogoratzea Sierra Leona Kurdistan Txetxenia eta ez aipatzea nire aitona izenik gabe hilarririk gabe kantatutako mezarik gabe eta ehunka esklaboz betetako barkuak eta barku gehiago eta ehunka esklabo gehiago eta bere arima naufrago guztiak atlantiko osoan zehar bakarrik berreskuratu zituzten urrea eta turkesak gorpuak koralean daude eta mila sirenek kantatzen dute hileta-martxa perkusioekin eta haizeekin aspaldi-aspalditik [Zer esan nahi duzu poema malba batekin [Zer esan nahi duzu poema malba batekin gaur eta hemen? Ikuspuntu kosmologiko batetik, grabitateak eragiten omen du dispertsoa den materia pilatzea, eta pilatutako materia hori bere horretan mantentzea, eta, horrela, planetek, izarrek, galaxiek eta unibertsoko objektu makroskopiko gehienek irautea. Grabitatea, hortaz, Lurra eta gainerako planetak eta sateliteak euren orbitetan mantentzearen arduraduna da, itsasoak sortzearen arduraduna, izarren eta eratzen ari diren planeten barrunbea berotzearen arduraduna, baita Lurraren eta unibertsoaren beste fenomeno batzuen arduraduna ere.] Nire izate osoa hainbat ezkatatan Nire izate osoa hainbat ezkatatan. Uretatik atera eta hondarretik arrastaka joan, zakatzetatik eztulka. Basamortuari uko egin nahi diot. Edozein iturritara bota. BITXIKERIA 3 Haragi beltzagatik ez da ezer ordaintzen. Horrexegatik, nigeriar emakumeek ez dute lortzen bidaiak balio dituen 30.000 euroak batzea. Putazale zuriek mespretxatzen dute belztasunaren edertasuna. Berak irribarre egiten zuen, begiekin agerian uzten engainua eta zauriak. Eta galdetu zidan ea nik zer klubetan egiten nuen lan. Orduan, lelokeria bat esan nuen: Ez, ni kazetaria naiz. -ah! Ni matematiketan lizentziatua. Baina, zer klubetan egiten duzu lan? Musika taupadaka Musika taupadaka Potosí-ko meatzeetako geruzarik sakonenak oraindik ureztatzen dituen odolaren indarrez. Eta 30 gradutako neguko begiak mararen aieruarekin posatzen Guatemala salduta Curtis pareko putetxe batean Ni ez naiz inoren musa Eskailerak garbitzen atleta naiz Eskailerak garbitzen atleta naiz mugimendurik zabalenak lanbasaren kolperik eraginkorrenak ertzak zilarra baino distiratsuago. Dena ozpinari esker eta nire larruaren zaintiratuei esker. Sukaldeko erlojuan orratzak urtu egiten dira ezelako lirismo barik. Eta zurekin emandako denborak ihes egin zuen elkar ezagutzera heldu barik. 2003 Ezkontza, ondarea eta sakarina inoiz maitasuna izan zen lekuren batean? Egun batzuetan neure buruari idazten dizkiot ziklopeen bihotzak fakturen ertzetan eta ni ez naizela izan itxurak egiten ditut - Moralak txarto ikusten du errealitatean zu ez existitzea- bakarrik da beldurra eta menpekotasuna eta elkarrekin egotea ea beste inork ez gaituen maitatu behar gure gorputzeko zuloetan plastilina bezala gu erabiltzeko zurekin baltsamatu eta bakarrik ez hiltzearren. Julieta ez zen bakarrik hil. Julieta ez zen bakarrik hil. Julieta ez zen bakarrik hil. Romeo ez zen existitzen. Maitasuna jaiotzen da MDMAren dosi zehatzarekin. Eta oihanean bizirauten du zibilizaziotik urrun. BITXIKERIA 4 Manuela ortozik ibiltzen zen. Egun batean arratoi batek haginka egin zion oinean (hain zen handia ezen erbinudea edo lepahoria izan zitekeen). Koskada sentitutakoan ostikada bat eman zion. Eta arratoia hil zen. Berak ez zuen sukarrik hartu urte asko pasatu ziren arte, mendian izan zen sute batek eragin zion atsekabearen ondorioz. Hau bakarrik ulertzen da audioan Hau bakarrik ulertzen da audioan edo braillean min hau ukitu beharra dago. Grabitazioa da unibertsoan Grabitazioa da unibertsoan masa duten partikula guztien artean /dagoen erakarpen indarra. Izango al da gure maitasuna grabitatearen emaitza? Arrosa txikle poema Arrosa txikle poema: ahots monokromoak errezitatzen belarrira istorio xarmant bat heriotza bezain misteriotsua maitasun erromantikoari buruz lehendabiziko aldiz txistu egin zenidan arte. Zer iritzi du zentzu komunak egarriari buruz Zer iritzi du zentzu komunak egarriari buruz naufragio baten erdian kulunkatzen ari zaren bitartean? Poemategi hau anabasaren eta gosearen semea da, gerra bat kontatzen ari da. Zer beste ezer erditu ahalko zenuke zuk? BITXIKERIA 5 11 urte eman zituen Teixeiron. Eta gomendatu zidan, harrapatuz gero, eskolan izena emateko. Izan ere, horrela, graduatua atera nezake, mutilen bat ezagutu eta atsedenaldietan zigarro bat erre. Orduan kontatu nion preso nuen lagun bati idazten niola. Berak adierazi zuen: zoragarri! kartzelan eman nituen hamaika urteetako momenturik zoriontsuena izan zen institutuan nirekin ibilitako batek bidalitako postala jaso nuen egun hura. Ez dago egutegirik, eta hau ez da baratze bat Ez dago egutegirik, eta hau ez da baratze bat baina berpiztuko dira landareak ez dago itzulerarik baina berpiztuko dira Beharrezkoa da denboraren abiadurari buruzko gezurra Beharrezkoa da denboraren abiadurari buruzko gezurra argitzea. Iraunkorra da ilargia eta gerra eta beraz itsasoak hilerokoak heriotzak eta ilargiari lotutako beste kontu batzuk Iraunkorra da Yahveh lukurrari baten inposizioa ene herri panteista eta migrantean eguzkia jartzen ez den inperio bati esker non egun ona pluralean ematen zaien indiarrei eta itsasoaz honanzkoei (miserere pro nobis) BITXIKERIA 6 Elvirak, ezagutzen dudan zaharrenik zaharrenak, hiltzera joan nahi du Valparaisora. Izan ere, hori zerutik gertuago dago beste ezein leku baino. Beka eman zidatenean, nirekin etorri zen hitz egitera. Nahi zuen nik Txilen galdetzea ea inork ezagutzen zuen Luís -Elviraren semea- Bicodemar inguruetako zarbo beltzetakoa. 1963 Emigratzea alde egiteko tradizioa egarridun herria nire herriak berrehun mila pauso ditu bere esperantzarik onenean berrehun urte bere sasoirik zurrunbilotsuenean Eta nekez garraiatzen du duintasuna traktorekada geratzen denak Etxean tiraderak beteak Etxean tiraderak beteak hildako lanaz eta fakturez putzua buxatuta jatorrizko metaketagatik proletargoa prozesioan kaletik ospitaleko txabusinarekin Emakume langile guztiak bloom jantzitxoekin BITXIKERIA 7 Danielek lan egiten du eskaiolista Coruñan. Kolonbian jaio zen. Eta Roberto, Sadako galiziarra, kontratatua dauka, itxurak egiteko. Roberto omen da bere nagusia, lanak ematea lor zezan. Hark hitzematen du langile ona dela eta ez duela lapurtzen. Robertok, amaieran, kobratzen du eta badoa. Eta Danielek bere lana egiten du, bere menpekoaren menpekoa dela itxurak eginez. 2013 Ba al dakizu zer den plastikozko loreak saltzea ikasle mozkortiei larunbat gauetan? hori ere beltza izatea da. Zergatik ez dago santu beltzik Zergatik ez dago santu beltzik edo kitxua zantzurik Jesusen aurpegian? Aitasantuak ez duenez indiarrik santutu maputxeen izenak galtzen ari dira. Pribilegioa da etniarik ez izatea doinu neutroa izatea gizonaren neurria izatea. Eta nik nire esklabo abizena itzali nahi dut. Musulman berbataiatu. Bala eta errugabeen artean hil. Zer pentsatuko dute xerpek Zer pentsatuko dute xerpek euren herriaren zeruetaraino turista-alpinistak eskutik daramatzatenean? aurpegi zurbil-begi borobilak argazki batean ager daitezen non jatorrizko herritarrak bakarrik diren atrezzoaren parte. Arrazakeria kanibala. arabiarrek utzi zituzten hitzik gozoenak arabiarrek utzi zituzten hitzik gozoenak adibidez azukrea eta kurkuma adibidez azula eta lilak nik ikasi nuen sanskritoa Madonnaren diskoetan baina erromaniz egiten dut amets: ene herriko hizkuntza ijito lumpenproletarioa hurrengo intifadan elkarrekin berpiztuko gara festaren egunean patio mudejar batean Ribadaviako erdigunean. afro-amerikar batek badu hogeita bat aukera gehiago afro-amerikar batek badu hogeita bat aukera gehiago 21 hiltzeko poliziak esku hartzen duenean. Somaliarrei buruz ez dago estatistikarik ez eta txetxeniar disidenteei buruz ere emakume beltz eta lesbiko eta budu praktikatzaileei buruz egur hondarrei oratuta ito zirenak patera berde eta haragitu batean ez dago jakiterik existitu diren edo ez beti egon da mito asko euren edertasun hain exotikoari buruz. Eta zuk diozu ez zarela besteen modukoa? HIRIA Pertsonak bakartuta daude. Gero eta bakartuago, orduan eta antzekoago. Gero eta antzekoago, orduan eta euren buruak gehiago gorrotatu. Gero eta euren buruak gehiago gorrotatu, orduan eta bakartuago. (TIQQUN) Eta zuk diozu ez zarela besteen modukoa? Ez dago modurik kutsatzea saihesteko maitatu nahi eta ezin honetaz libratzeko maitasun ez-nahikoa eta likidoaz libratzeko Garaipena saihetsezina al da? [Korden teoriarik ohikoenean [Korden teoriarik ohikoenean badira 1 denborazko dimentsio, 3 dimentsio espazial arrunt eta 7 dimentsio trinkotuak eta praktikan ikusezinak. - Zer ez-mugei buruz hitz egiten dute munduko hiritarrek? - Mugak dira bosgarrenetik aurrerako dimentsioak, balore-moneta duten objektuek arazorik gabe zeharkatzen dituztenak. Eta turistek -balore-moneta-. - Niri gustatzen zaizkit giro urtsuaren lau dimentsioak. Ba al dago urik ez-lekuan? - Denbora ba al da hor? - Hau ez da Atlantis, baina baditugu koordenatuak. - Gaixoa ez-lekuan bizi dena. - Bedeinkatua bere herriko zuhaitzek zer hizkuntzatan egiten duten berba dakien hura. - Zer esan nahi du zuretzat norbait bedeinkatzea? - Kutsadurari buruz baino ez nuen berba egin nahi. Eta hau, benetan, plano bat baino ez da; dimentsio bakarrekoa. - Magiak batzuetan baino ez du funtzionatzen.] distopiak (toposaren bitxikeriak) Namibia-Txad-Tanzania ez dira existitzen, Espainia bezala Bora-Bora-Bueu-Bueu exotismoa-kolonialismoa-turismoa eta etxea ez da existitzen Lima-Madril-Bagdag Herrixkatik alde egin genuen, inkisiziosantuari ihes egiten. Eta hiri honetan amaitu genuen, non arratoiek jendea jaten duten. NYC-Shangai-Mexiko D.F. Ez sentitu enpatia petrolioaren eratorriekin, ezta bakar batekin ere. Inork ez du gogoratuko Kate Moss hurrengo zibilizazioan. Klase kontzientzia da terrorista izatea. Azen artean umeei bularra ematen buru-berokiekin. Salvador de Bahia-Pena Moa-Kibera Ba al daki inork zenbat jeniok egiten du lo nire favelean? Zenbat edertasun fokuetatik urrun. Sekula ez du photoshopak lortuko manikiak argaltzea ez eta eskaintzazko janariak eragiten duen zelulitisa kentzea ere; iraungitzear dagoen haragia. Zenbat ingenio kakoak eta isolatzaile termikoak diseinatzen eta munduaren aurkako krimena antolatzen. Triquinimale-Vigo Internazionalismoak sentiarazten gaitu hazi ernatzen ari direnak lurretik neskatilen azkazaletatik eskuetatik ehuntzen ari direlarik jeansak Inditexerako BITXIKERIA 8 Manuela lehendabiziko aldiz igo zen auto batera, 78 urterekin, 1990. urtean. Escarabotetik Compostelako eskualde-ospitalera joan behar zuen. Inoiz ez zuen behar izan auto batera igo, ez eta ospitale batera joan ere. Distantzia, guztira, 53 kilometrozkoa da. Bide erdian, Padrom herriaren inguruetan, oihu egin zuen: zer handia den mundua! Eta zeraren zera bat nuen Eta zeraren zera bat nuen zinginarri bat nahiz eta Seineko ur gozoetan bizi zirudiena Sar edo Sileko uretan zegoela. Gehitzen zuen proportzio berean Gehitzen zuen proportzio berean apaltasun urrezkoa eta intsumisio urdin urrekara atmosferen azpian murgiltzen zen hegazti harraparien dotoreziarekin. Inork ez zuen susmatu desagertzeko zorian zen leinu bateko partaidea zela. Plutonioko partikularik txikienen abiadura ugaztunen gorputzetan sartzen. Non daude jatorrizko herrietako emakumeak? Non daude jatorrizko herrietako emakumeak? Premiaz beste mundu bati dei egin behar diogu. BITXIKERIA 9 Zarata kalea pertsonak kaputxa jarrita euritik haizetik belarrietatik babesteko bideo-zaintzako kameretatik babesteko. Sentitu al duzu beroa eta erretako kautxuaren kirats gozoa? Gasolinaz blaitzea oraindik bizirik gaudela jakitea da. 2310 Nork esan dezake oihuka jendaurrean gezurrak gezurrak direla? Bakarrik gu bakarrik: Intsektuak. Armiarmak. Arkakusoak. Zimitzak. Kaparrak. Euliak. Eurak aspaldi hil ziren, eurak, zaldi duinak, txakur nobleak, hartzak. Ugaztunak. Zer oihu itzelak egin zitzakeen gaur oilo batek. Ahuntzek. Mikek. Hontz zuriek. Noeren ontziko emeak batuta espezismo eta jatorrien gainetik. Orrazten dut Orrazten dut prekarietate handiarekin nire buztan urdina. Eta arrastaka egiten dut aurreko mendeetan zehar. Bedeinkatuak izan daitezen herri bakoitzeko sorginik itsusienak. Poema magenta: oiloak antibiotikoak hartzen behi giltzaperatuak atoietan garraiatuak begiak burdin hesien artean atzean geratzen. BITXIKERIA 10 Bere burua bota zuen burdinbideetara. Berehala elektrokutatu zen. Gorputzak eztanda egin zuen dozenaka mila urte barru eguzkiak eztanda egiten duenean imajinatzen dudan bezala. Jendea zipriztindu zuen. Odolaz gain, hezur baten ezpal txiki-txiki batek jo ninduen aurpegian. Begiaren azpian ozta-ozta, zorionez. Zauri bat eragin zidan. Egun horretakoa da masailaren orbaina eta hepatitisa. Hounslow West-en (zone 5) izan zen, baina Cesuresen izan zitekeen. 2078 Orain heriotzari itxaroten ari gara onena da ezer ez nabaritzea. Etzatea eta hilda itzartzea. Inork gomendatzen ez duena da burdinbideetara botatzea. Ez dago hizkuntza hilik [Etorkizuna orokorrean ez zait asko interesatzen. Etorkizuna itxaropenen hurrenkera baino ez da. Baina iragana, eransten du, iragana hor dago. Iragana denon artean asmatzen dugu.] M. DO CEBEIRO Ez dago hizkuntza hilik. Ezta etorkizuna ere. Dena atzean dago. AZKEN BITXIKERIA Hildako emakumeak zenbakiak dira. Maria José ez da agertzen zenbakietan, bere suhiak hil zuelako. Errezeta-liburu modernoek Errezeta-liburu modernoek garaikideek azken belaunaldikoek Avalon sakoneko gastronomiakoek gomendatzen dute eranstea amanita muscaria otordu batzuetan eta ordezkatzea eguneko plateretatik lorazepama. Poema urdin argia, egunsentiaren antzekoa: Egunen batean Hildakoak itzartu eta apurka-apurka berpizten joan negu nahikoa izan da dagoeneko orain haritzak jaioko dira inork inoiz moztuko ez dituenak (minaren ostean daude esan ezin diren gauza horiek (minaren ostean daude esan ezin diren gauza horiek zuriz dagoen poema zuri bat bezala zeharrargia eta mugimenduan gift bat bezala edo bibrazio egoera bat bezala xumeak eta nerbiosoak diren korda pila bat baino gehiago garelako, izan gaitezen, gutxienez, antolatutako superkordak gerra ez den zerbait dakarren egunerako) Zikloak errepikatzen dira Zikloak errepikatzen dira, baina inoiz ez dira berdinak izaten. Itsasoa bezalakoak dira.
I. ATALA Kanpoan gaua hotza eta bustia zen, baina Laburnam Villako egongelan pertsianak behean zeuden eta beheko sua txinpartaka zegoen. Aita-semeak xakean zebiltzan. Lehenak, muturreko aldaketez betetako ideiak zeuzkanez jokoaz, halako arrisku bizi eta premiagabean jartzen zuen bere erregea, non sutondoan lasai-lasai puntua egiten zegoen ile zuriko dama zaharraren iruzkinak ere sortzen zituen. —Entzuten duzu haizea? —esan zuen White jaunak, akats fatal batez beranduegi ohartuta, semeari hura ikustea galarazteko asmo xamurraz. —Entzuten nago —esan zuen semeak, tableroa ilun aztertuz eskua luzatzen zuen bitartean— Xakea. —Ez dut uste gaur etorriko denik —esan zuen aitak, eskua tableroaren gainetik jarrita. —Matea —erantzun zuen semeak. —Hori dauka okerrena honen urrun bizitzeak —lehertu zen White jauna, bat-bateko eta arrazoi gabeko oldarkeriaz—; bizitzeko leku basati, umel, baztertu guztien artetik, hauxe da txarrena. Bidea dena da basatza, eta, errepidea, uholde hutsa. Ez dakit jendeak zer daukan buruan. Errepideko bi etxetan baino ez denez jendea bizi, uste dute ez duela ardura. —Ez kezkatu, maitea —esan zuen emazteak, gizona goxatu guran—; beharbada hurrengoa irabaziko duzu. White jaunak begiak jaso zituen zorrotz, amaren eta semearen arteko begirada konplizea harrapatzeko punttuan. Hitzak hil zitzaizkion ezpainetan, eta irribarre erruduna ezkutatu zuen bizar urdindu mehean. —Hortxe dago! —esan zuen Herbert Whitek, burdin ateak danbateko ozena jo eta urrats sendoak etxera hurbiltzen zirela. Agurea, abegitsu, presaka jaiki zen eta, atea zabaldurik, etorri berriarekin errukitzen entzun zioten etxekoek. Etorri berria ere bere buruarekin errukitu zen, eta, White andreak esan zuen «Ai, ai, ai...», eta eztultxo bat egin zuen senarra gelara sartu zenean, atzetik gizon garai, mardul bat zetorrela, harritxo distiratsuak bezalako begiak eta bisaia gorria zituena. —Morris sarjentu maiorra —esan zuen, gizona aurkeztuz. Sarjentu maiorrak bostekoa eman zien denei, eta sutondoan eskaini zioten aulkia hartuta, pozik geratu zen begira nola bere anfitrioiak whiskya eta edalontziak ateratzen zituen eta kobrezko ontzi txiki bat jartzen zuen suan. Hirugarren basokadarekin begiak distiratsuago jarri zitzaizkion sarjentuari eta berbetan hasi zen, senitarte txikia urrungo lekuetatik etorritako bisitariari interesez begira zegoela, hark sorbalda zabalak tentetu eta eszena harrigarriez eta ekintza ausartez berba egiten ziela; gerrez eta izurriteez eta jende arrotzez. —Hogeita bat urte hortik zehar! —esan zuen White jaunak, emazteari eta semeari baiezko keinuak eginez—. Joan zenean biltegiko mutiko koskorra zen. Eta begiratu orain. —Txartu denik behintzat ez du ematen —esan zuen White andreak gizalegetsu. —Ni ere gustura joango nintzateke Indiara —esan zuen agureak—, begiratutxo bat emateko baino ez, badakizu. —Hobeto zaude zauden lekuan —esan zion sarjentu maiorrak, ezezkoak eginez buruarekin. Hustutako edalontzia mahaian jarri eta, zizpuru txiki batez, berriz astindu zuen burua. —Tenplu zahar horiek, eta fakirrak eta malabaristak ikusi gura nituzke —esan zuen agureak—. Zer hasi zinen lehengo egunean kontatzen tximino atzapar batez edo, Morris? —Ezer ez —esan zuen soldaduak, presaka—. Entzutea merezi duen ezer ez, behintzat. —Tximino atzapar bat?— esan zuen White andreak jakinguraz. —Zera, beharbada magia-edo esango geniokeen kontu bat baino ez —esan zuen sarjentu maiorrak, motz. Hiru entzuleak aurrerantz makurtu ziren irrikaz. Bisitariak edalontzi hustua ezpainetara eraman zuen pentsamenduetan galduta, eta jaitsi egin zuen berriro. Anfitrioiak bete egin zion. —Kanpotik begiratuta —esan zuen sarjentu maiorrak, eskuaz patrikan bilatuz—, atzapartxo normal bat baino ez da, momifikatua. Patrikatik zerbait atera eta erakutsi egin zien. White andreak atzera egin zuen muzin batez, baina semeak, hura hartu eta jakin minez aztertu zuen. —Eta zer dauka ba berezia?—, galdetu zuen White jaunak semearen eskutik atzaparra hartuz. Aztertu zuenean, mahaian utzi zuen. —Fakir zahar batek, oso gizon santuak, sorgindu egin zuen —esan zuen sarjentuak—. Erakutsi nahi zuen patuak gidatzen duela jendearen bizitza, eta patuari traba egiten diotenek beren zoritxarrerako egiten dutela. Sorgindu egin zuen atzaparra, hiru gizonek hiruna gurari eskatu ahal izateko. Hain modu izugarrian mintzo zen gizona, non entzuleak ohartu ziren barre arinak nolabait moteldu egin zitzaizkiela. —Ba, zergatik ez dizkiozu zuk hiru eskatzen, jauna? — esan zuen Herbert Whitek, zirika. Soldaduak begiratu zion pertsona helduak gazte harroxkoari begiratzen dion bezala. —Eskatu dizkiot —esan zuen apal, eta aurpegi gorria zurbildu egin zitzaion. —Eta bete egin ziren?. —Bai —esan zuen sarjentuak, eta edalontziak talka egin zuen haren hortz sendoen kontra. —Eta beste inork eskatu dio guraririk? —Lehen gizonari bete egin zitzaizkion hiru gurariak —erantzun zuen—. Ez dakit zeintzuk ziren lehenengo biak, baina hirugarrena hiltzea izan zen. Horrela eskuratu nuen nik atzaparra. Hain ahots ilunaz mintzatu zen, isiltasuna zabaldu zen taldean. —Ba zure hiru gurariak bete egin baziren, zuri orain ez dizu ezertarako balio, Morris — esan zuen agureak azkenean—. Zertarako gordetzen duzu? Soldaduak ezezkoa egin zuen buruaz. —Gustatzen zaidalako, diot nik ba —esan zuen astiro. —Burutik pasatu zitzaidan saltzea, baina ez dut uste egingo dudanik. Nahikoa kaltea egin du dagoeneko. Gainera, ez du inork erosiko. Uste dute ipuin hutsa dela; hori batzuek... Eta zeozer izan daitekeela uste dutenek probatu egin nahi dute ordaindu aurretik. —Beste hiru gurari eskatzerik bazenu —esan zuen agureak, tinko begiratuz—, eskatuko zenituzke? —Ez dakit —esan zuen besteak. Atzaparra hartu zuen eta atzamar erakuslearen eta erpuruaren artean eutsi zion, eta bat-batean sutara bota zuen. White, oihu txiki batez, makurtu eta harrapatu egin zuen. —Hobe erretzen uztea —esan zuen soldaduak, solemne. —Ez baduzu nahi, Morris —esan zuen besteak— eman niri. —Ez —esan zuen lagunak, burugogor—. Sutara bota dut. Gorde gura baduzu, ez bota niri gertatzen denaren errurik. Izan zentzuzkoa eta bota berriro sutara. Besteak buruaz ezezkoa egin eta bere jabetza berria aztertu zuen gertutik. —Zelan egiten da? —galdetu zuen. —Eduki altu eskuan eta esan guraria ozen —esan zuen sarjentu maiorrak—, baina kontuz ondorioekin, abisatuta zaude. —Mila gau eta bat gehiago ematen du —esan zuen White andreak, aulkitik altxatu eta afaria prestatzen hastearekin batera—. Nik lau esku izatea eskatzea duzu, ez zaizu iruditzen?. Senarrak talismana patrikatik atera eta hirurek batera barreari eman zioten, sarjentu maiorrak, alarma aurpegian, besotik heltzen ziola. —Ezer eskatu behar baduzu —esan zion muturtuta—, eskatu zentzuzko gauza bat. White jaunak patrikan gorde zuen berriro, eta aulkiak mahaiaren inguruan jarrita, laguna eraman zuen bertara. Afari kontuarekin talismana erdi ahaztuta geratu zen, eta gero hirurak egon ziren soldaduaren Indiako abenturen bigarren entrega entzuten, liluraturik. —Tximinoaren atzaparraren istorioa ez bada egiazkoagoa kontatu dizkigun beste istorio horiek baino —esan zuen Herbertek, atea gonbidatuaren atzean itxi zenean, hark trena harrapatzeko denboraz ozta-ozta—, arreglata gaoz. —Eman diozu zeozer, aita? — andreak, senarrari gertutik begira. —Huskeria bat —erantzun zion gizonak, zertxobait gorrituz—. Ez zidan ezer hartu gura, baina behartu egin dut. Eta berriro esan dit atzaparra botatzeko. —Bai, oraintxe! —esan zuen Herbertek, izutu itxurak eginez—. Ene! Aberats, famatu eta zoriontsuak izango gara! Hasteko, aita, eskatu enperadore izatea; horrela etxeko oilandak ezin izango zaitu gobernatu. Salto batez mahaiaren jiran hasi zen korrika, White andre iraindua atzetik zuela, trapu batez armatuta. White jaunak atzaparra atera zuen poltsikotik eta zalantzaz begiratu zion. —Ez dakit zer eskatu, benetan diotsuet —esan zuen astiro—: munduan nahi dudan guztia daukadala iruditzen zait. —Etxea ordainduta izatearekin pozik egongo zinateke, ezta? —esan zuen Herbertek, eskua aitaren sorbaldan—. Ba eskatu berrehun libra, horrekin eginda daukazu. Aitak, irribarre lotsatia eginez hain sinesbera izateagatik, gora jaso zuen talismana. Semea piano aurrean jesarri eta nota larri batzuk jo zituen aurpegiera solemneaz, amari egindako begi keinuak solemnitate itxura hondatu bazuen ere. —Berrehun libra nahi ditut —esan zuen gizonak garbiro. Piano burrunba handi batek agurtu zituen hitzok, baina agurearen oihu larri batek eten zuen. Emaztea eta semea arineketan joan zitzaizkion. —Arg!!! Mugitu egin da! —egin zuen gizonak aldarri, lurrean zetzan objektuari nazkaz begiratuz—. Guraria esan dudanean bihurtu egin zait eskuetan, suge baten moduan! —Bo, nik ez dut dirurik ikusten —esan zuen semeak, atzaparra lurretik jaso eta mahaian jartzen zuen bitartean—, eta postura, ez dudala sekula ikusiko. —Iruditu egingo zitzaizun, aita —esan zuen emazteak, gizonari antsiaz begiratuz. Gizonak ezezkoa egin zuen buruaz. —Berdin da; ez da kalterik gertatu, baina susto galanta hartu dut. Sutondoan jesarri ziren berriro, gizon biek pipa erretzen amaitu artean. Kanpoan haizeak inoizko gogorren jotzen zuen, eta agureak jauzi egin zuen, urduri, goiko solairuan ate batek danbatekoa jotzean. Isiltasun bihotz beheragarri eta ezohiko bat jauzi zen hiruren gainean, bikote zaharra oherako jaiki arte iraun zuena. —Orain dirua ohearen erdian aurkituko duzu, poltsa handi batean —esan zuen Herbertek, gau on esan eta gero—, eta gauza ikaragarriren bat egongo da makurtuta armairuaren gainean, zuri begira, amarruz lortutako irabaziok poltsikoratzen dituzun bitarteaaaan. Bakarrik geratu zen jesarrita ilunpean, su erdi amatatuari begira, aurpegiak ikusten sugarretan. Azken aurpegia hain horriblea eta tximinotarra izan zen, begira geratu zitzaion zur eta lur. Hain benetakoa egin zen, non, barrexka deseroso batez, Herbert haztamuka hasi baitzen eskuaz bilatzen baso bat ur mahaiaren gainean, sutara botatzeko. Bere eskuak tximino atzaparra hartu zuen, eta, Herbertek, dardara batez, eskua jakan igurtzi eta ohera joan zen. II. ATALA Hurrengo goizean, neguko eguzkiaren distira gosariaren gainean isurtzen zela, Herbertek barre egin zien bere beldurrei. Gelak bazuen halako osasun prosaiko bat, aurreko gauean ez zuena, eta atzapartxo zikin eta lehortua arasako apalean botata zegoen, haren bertuteei buruzko sineste handirik erakusten ez zuen arduragabeziaz. —Pentsatzen dut soldadu guztiak berdinak direla —esan zuen White andreak—. Eta guk halako ganorabakokeriei kasu egitea ere! Zelan beteko dira ba gurariak gaur egun? Eta beteko balira, berrehun librak ez lizukete kalte egingo, e, aita?. —Zerutik buru gainean jausiz gero...—esan zuen Herbert kaskarinak. —Morrisek esan zuen gauzak hain modu naturalean gertatzen direla —esan zuen aitak— non, gura izanez gero, kasualitatetzat jo daitezkeen. —Tira, ez ukitu dirua ni itzuli arte —esan zuen Herbertek mahaitik altxatuz—. Beldur naiz ez ote zaituen gaizto eta zeken bihurtuko, eta arbuiatu egin beharko zaitugun. Amak barre egin zuen, eta semeari ateraino lagundurik, bidean urruntzen ikusi zuen. Gero, mahaira itzulita, ederto pasatu zuen tarte batez aitaren sinesberatasunaren lepotik. Horrek ez zion galarazi antxintxika joatea atea zabaltzera postariak jo zuenean, edo sarjentu maior zurrutero erretiratuen aipamen labur bat egitea ikusi zuenean postariak jostunaren faktura bat zekarrela. —Herbertek adarra jotzen jarraitzeko motiboa izango du etxera datorrenean —esan zuen bazkaltzen ari zirenean. —Eta hala ere —esan zuen White jaunak, garagardoa isuriz bere basoan—, gauza hori mugitu egin zitzaidan eskuan. Zin egiten dut. —Zeuk pentsatu —esan zuen andre zaharrak goxo. —Mugitu egin zela diotsut —erantzun zuen besteak—. Nik ez nuen ezer pentsatu; hasi nintzenean... Zer...? Zer gertatzen da? Emazteak ez zion erantzun. Kanpoan zebilen gizon baten mugimendu misteriotsuei begira zegoen. Gizona etxeari kirika zebilen zalantzaz, barrura sartzeko adorea biltzen bezala. Berrehun librekin lotura mentala eginez, emakumea ohartu zen ezezaguna ondo jantzita zegoela eta berritasun distiranteko zetazko kapela zeramala. Gizona hiru aldiz joan zen jardineko atera eta atzera egin berriro. Laugarrenean eskua jarri zuen burdin atean, eta bat-bateko deliberamenduaz zabaldurik, bidetxoari ekin zion. Une horretan White andreak eskuak gerri atzera eraman eta, amantaleko kordelak azkar askaturik, janzki erabilgarri hori jarri zuen aulkiaren kuxinaren azpian. Ezezaguna, zeina deseroso ematen baitzuen, gelan sarrarazi zuen. Gizona andreari kukuka eta kezkatu itxuraz entzuten geratu zen, dama zaharrak barkamena eskatzen zion bitartean gelaren egoeragatik eta senarraren soingainekoagatik, normalean lorategian lan egiteko janzten zuen eta. Orduan andrea zain geratu zen, bere sexuak uzten zion adineko pazientziaz, ea gizonak ekiten zion bere errekaduari, baina isiltasun arraroari eutsi zion gizonak hasieran. —Zera... etortzeko esan didate —esan zuen azkenean, eta praketatik kotoi tindi bat kentzeko makurtu zen—. Maw eta Meggins-en bulegotik nator. Fabrikatik. Dama zaharrak jausi egin zuen. —Zeozer gertatu da? —esan zuen arnasa estuturik—. Zeozer gertatu zaio Herberti? Zer da? Zer da? Senarra tartean sartu zen. —Lasaitu, ama, lasaitu —esan zuen bizkor—. Jesarri, eta ez hasi gauzak asmatzen. Ziur naiz ez dakarzula albiste txarrik, ezta, jauna? —eta besteari begiratu zion antsiaturik. —Sentitzen dut —esan zuen bisitariak. —Zaurituta dago? —galdetu zuen amak. Bisitariak baiezkoa egin zuen buruaz. —Larri zaurituta —esan zuen apalki—, baina ez dauka minik. —Jainkoari eskerrak! —esan zuen andre zaharrak, eskuak bildurik—. Eskerrik asko, Jainko Jauna, eskerrik as... Bat-batean isildu egin zen, ziurtapenaren esangura siniestroa buruan argitu zitzaionean, eta bere beldurraren baieztapen izugarria ikusi zuenean bestearen aurpegi aldenduan. Arnasari eutsi zion, eta senar buru motelagoarengana jiratuta, esku zahar dardaratia jarri zuen haren eskuaren gainean. Isilune luze bat egon zen. —Makinak harrapatu du —esan zuen bisitariak azkenean, ahots apalean. —Makinak harrapatu —errepikatu zuen White jaunak, burua lausoturik—. A. Agurea jesarri zen eta leihotik ezerezari begira geratu zen, eta emaztearen eskua bere eskuetan harturik, estutu egin zuen, aspaldiko gorteiatze egunetan, ia berrogei urte lehenago, egin ohi zuen legez. —Munduan geratzen zitzaigun bakarra zen —esan zuen, bisitariarengana leun jiratuz—. Latza da. Besteak eztula egin, jaiki eta leihora joan zen astiro. —Enpresakoek eskatu didate doluminik zintzoenak emateko galera handi honengatik — esan zuen, ingurura begiratu barik—. Arren eskatzen dizuet ulertzeko ni mandatari bat baino ez naizela, eta aginduak betetzen baino ez nabilela. Ez zen erantzunik egon; andre zaharrak zuri zuen aurpegia, begiak zabal-zabalik, arnasa entzunezina; gizonaren aurpegia bere lagun sarjentuak aurreneko gerra ekintzan eduki zezakeenaren antzekoa zen. —Esan behar dizuet Maw eta Megginsek ez duela inongo erantzukizunik bere gain hartzen —jarraitu zuen besteak—. Ez dute inongo betebeharrik aitortzen, baina zuen semearen zerbitzuen kontsiderazioan, zenbateko bat eman gura dizuete kalte ordain gisa. Gizonak andrearen eskua jausten utzi zuen eta, zutundurik, horrorez begiratu zion bisitariari. Ezpain lehorrek hitzak moldatu zituzten: —Zenbat? —Berrehun libra —izan zen erantzuna. Emaztearen garrasiaz ohartu barik, gizon zaharrak irribarre nimiño bat egin zuen, eta, itsuen gisara besoak luzaturik, zerraldo jausi zen, konorte bako moltxo bat lurrean. III. ATALA Zaharrek kanposantu berri erraldoian, etxetik hiru bat kilometrora, lurperatu zuten beren hildakoa, eta gero itzaletan eta isiltasunean murgildutako etxera itzuli ziren. Hain azkar amaitu zen dena, non hasieran ia ez ziren jabetu, eta itxaroten bezala geratu ziren, beste zerbait gertatu beharko balitz bezala, karga hau, pisutsuegia bihotz zaharrentzat, arinduko zuen beste zerbait. Baina egunak joan ziren, eta itxaropenak etsipenari utzi zion lekua, zaharren etsipen itxaropen gabe horri, zeinari batzuetan, oker, apatia deitzen zaion. Batzuetan ez zuten apenas hitzik trukatzen, orain ez zeukatelako zertaz berba egin, eta egunak unatzerainoko luzeak ziren. Astebete inguru joana zen gizon zaharrak, gauerdi batez bat-batean esnaturik, eskua luzatu eta ohean bakarrik zegoela ohartu zenean. Gela ilunpean zegoen, eta leihotik negar isilaren soinua zetorkion. Ohean jesarri eta entzuten geratu zen. —Erdu ohera —esan zion goxo andreari—. Hoztu egingo zara. —Hotzago izango da nire semea —esan zuen andre zaharrak, eta negarrari eman zion berriz. Negar zotinak aienatu egin ziren gizonaren belarrietan. Ohea epel zegoen eta gizonaren begiak astun loguraz. Hasieran lo kuku batzuk egin zituen tarteka, baina gero lo seko geratu zen, harik eta emaztearen alauri zoro batek jausi batez itzartu zuen arte. —Atzaparra! —egin zuen alauri andreak, zoro baten moduan—. Tximinoaren atzaparra! Gizonak jausi egin zuen ikaraz. —Non? Non dago? Zer gertatzen da? Emakumeak estropezuka zeharkatu zuen gela gizonarengana. —Nahi dut —esan zuen apal—. Ez duzu txikitu, ezta? —Egongelan dago, hormako euskarrian —erantzun zion, harriturik—. Zergatik? Emakumeak, aldi berean negarrez eta barrez, gizonaren gainean makurtu eta musu eman zion masailean. —Oraintxe bururatu zait —esan zion histeriko—. Zelan ez zait lehenago bururatu? Zelan ez zaizu zuri bururatu? —Bururatu zer? —galdetu zion gizonak. —Beste bi gurariak —erantzun zuen andreak azkar—. Bat baino ez dugu eskatu. —Ez da nahikoa izan? —galde egin zion bortizki. —Ez! —oihu egin zuen emakumeak garaipenez—; beste bat eskatuko dugu. Jaitsi eta hartu azkar, eta eskatu gure mutila berriz ere bizirik egotea. Gizona ohean jesarri eta mihisarropak baztertu zituen hanka dardartietatik. —Jainko maitea, burutik zaude! —egin zuen aldarri izu-ikaraz. —Hartu —esan zuen emakumeak arnas estuka—; hartu arin, eta eskatu... Ai, nire mutila, nire mutila! Senarrak pospoloa piztu eta kandela izeki zuen. —Itzuli ohera —esan zuen, kordokan—. Ez dakizu zer zauden esaten. —Lehen guraria bete egin zitzaigun —esan zuen andre zaharrak, sukartsu—; zergatik ez bigarrena? —Kasualitatea —esan zuen totelka gizonak. —Joan, hartu eta eskatu —oihu egin zuen andre zaharrak, pozez dardaraka. Gizon zaharrak buelta eman eta begiratu egin zion, eta haren ahotsak dar-dar egin zuen. —Hamar egun daramatza hilda, eta gainera... ez nizun esan gura, baina... arropagatik baino ezin izan nuen ezagutu. Orduan ikaragarriegia bazen zuk ikusteko, zer izango da orain? —Ekarri bueltan —oihu egin zuen andre zaharrak, eta dandarrez eraman zuen gizona aterantz—. Uste duzu beldurra izango diodala bularra eman nion umeari? Gizona behera jaitsi zen ilunpean, egongelarako bidea egin zuen haztamuka, eta han sutondo gaineko apalerakoa. Talismana bere tokian zegoen, eta gizonari beldur izugarria sartu zitzaion, esan gabeko gurariak ez ote zuen seme mutilatua ekarriko bere aurrera gelatik ihes egiteko astia izan baino lehen, eta arnasari eutsi zion konturatu zenean ez zekiela atea non zegoen. Bekokia izerdi hotzaz estalita, mahaiaren jira egin zuen eskuaz lagundurik, eta hormaren kontra haztamuka jarraitu zuen, harik eta bere burua karraju txikian aurkitu arte, gauza osasungaitz hura eskuan. Gelan sartu zenean emaztearen aurpegiak ere ematen zuen aldatua. Zuri eta erne zegoen, eta, bere beldurrean, gizonari iruditu zitzaion aurpegiera ez-natural bat zeukala. Beldurra eman zion. —Eskatu! —oihu egin zion andreak, ahots sendoaz. —Tontakeria eta gaiztakeria bat da —gizonak dudati. —Eskatu! —errepikatu emazteak. Gizonak eskua jaso zuen. —Semea berriz bizirik egotea gura dut. Talismana lurrera jausi zen eta gizonak beldurrez begiratu zion. Orduan aulki batean hondoratu zen dardarka, emakume zaharrak, begiak sutan, leihora joan eta pertsiana igotzen zuela. Gizona jesarrita geratu zen hotzez izoztuta geratu arte, noiz edo behin so eginez leihotik kukuka zegoen andre zaharraren figurari. Kandelak, euskarriaren portzelanazko ertzetik behera urtuta, itzal keinukariak bidaltzen zituen sabaira eta hormetara, eta, azkenik, distira luzeago batez, iraungi egin zen. Gizonak, adierazi ezinezko arindua harturik talismanak huts egin zuelako, ohera itzuli zen arrastaka, eta handik minutu batera edo bira emakumea, isilik eta apatiko, ondora etorri zitzaion. Inork ez zuen berbarik egin, baina biak geratu ziren etzanda erlojuaren tiki-taka entzuten. Eskailera batek kra egin zuen eta sagu txilioti bat antxintxika pasatu zen horma barrutik. Iluntasuna itogarria zen, eta, denbora batez adorea biltzen egon ondoren, senarrak pospolo kutxa hartu eta, bat piztuta, behera jaitsi zen kandela baten bila. Eskaileren amaierara heltzean pospoloa amatatu egin zen, eta gizona beste bat pizteko geratu zen. Orduantxe kox-kox bat jo zuten kaleko atean, hain isila eta gordea, apenas entzun baitzen. Pospoloak jausi egin zitzaizkion eskutik. Geldi geratu zen, arnasari eusten, berriz ere jo zuten arte. Orduan buelta eman eta ihes egin zuen ziztuan logelara, eta atea itxi zuen. Hirugarrenez jo zutenean etxe osoan entzun zen. —Zer izan da hori? —hots egin zuen andre zaharrak, jauzi eginez. —Arratoia —esan zuen gizon zaharrak, doinu dardaratiaz—... Arratoia. Nire aurretik pasatu da eskaileretan. Andrea ohean jesarri zen, adi. Atean jo zuten ozenki eta kolpearen oihartzunak etxea bete zuen. —Herbert da! —egin zuen aldarri— Herbert da! Atera joan zen korrika, baina senarra aurrean jarri zitzaion, eta, besotik hartuta, tinko heldu zion. —Zer egingo duzu? —esan zion hasperen erlaitz batez. —Nire mutila da; Herbert da! —oihu egin zuen, mekanikoki borrokan—. Ahaztu zait hemendik hiru kilometrora zegoela. Zertarako heltzen didazu? Utzi joaten. Atea zabaldu behar dut. —Jainkoarren, ez utzi gauza horri sartzen —egin zuen oihu gizonak dardara batean. —Zeure semearen beldur zara —egin zuen aldarri emakumeak, borrokan—. Utzidazu. Banator, Herbert; banator. Beste kolpe bat entzun zen, eta beste bat. Emakumeak besoa zafatu zuen astindu batez eta arineketan irten zen gelatik. Gizonak karrajura jarraitu zion eta erreguz deitu zion, andrea eskaileretan behera ziztuan zihoala. Gizonak entzun zuen ateko katea askatzen, eta gero beheko burdina bere zulotik astiro eta zurrun ateratzen. Gero andre zaharraren ahotsa, arnaska esfortzuaz. —Krisketa —egin zuen oihu ozen—. Etorri hona. Ez naiz heltzen. Baina gizona lau hankatan zegoen lurrean zoroaren pare haztamuka, atzaparraren bila. Aurkitu behar zuen kanpoko gauza hori sartu baino lehen. Ate kolpeen zaparrada perfektu baten oihartzuna entzun zen etxe osoan, eta gero aulki bat erreskan, emazteak atearen kontra zeramala. Gizonak entzun zuen atearen beheko burdinaren kirrinka, astiro ateratzen zela zulotik, eta une horretantxe tximino atzaparra aurkitu zuen, eta, senetik irtenda, hirugarren eta azken guraria eskatu zuen arnaskada batez. Kolpeak isildu egin ziren bat-batean, oihartzunak artean ere entzuten ziren arren. Entzun zuen aulkia erretiratzen eta atea zabaltzen. Haize bolada hotza igo zen eskaileran gora, eta emaztearen etsipenezko eta atsekabezko alauri luze eta ozenak adorea eman zion haren ondora abiatzeko, eta gero kanpoko burdin atera. Kalearen bestaldeko farola keinukariak bide isil eta mortua argitzen zuen.
booktegi.eus zirrikituetan ane labaka Hitzaurrea Aztoragarria da déjavù sentsazioa bakarka bizi denean. Eromen une labur bat igaro izanaren sentipenak hartzen zaitu, zure memoriarekiko eta sen onarekiko deskonfiantza piztearekin batera. Déjavù honek ez du nigan aztoramendurik sortu baina. Ikusiak ditut parajeok lehenago: bertso hauen idazlea dabilen bideotan ibili izan naiz neu ere, kantu bat hortzartean kamio ertzeko loreak biltzen, harri kozkorrak zapata-puntaz apartatzen nituen bitartean. Hala gabiltza oraindik, oin-zolak egosi arren, nekatutakoan bide bazterrean geldialditxoak eginez, behin eta berriz bidera itzuliz. Labakarenak ez baitira behin zeharkatuta atzean utzi daitezkeen paisaiak. Zidor errekurrenteak dira basoan gabiltzan otsemeontzat. Artaldeari hozka ari da Labaka letagin odoleztatuekin, baina ez dago bakarrik, berarekin du taldearen, aldraren, samaldaren indarra. Zirrikituetan jarri dio Ane Labakak izenburu bertso-sorten bilduma honi. Arrakaletan, zoko-mokoetan, ertzetan, zirriztuetan, zokondoetan, pitzaduretan, hutsarteetan usnaka ari da Ane Labaka: entzun ezin izan dituen ahotsen bila dabil gauean, iragana eta etorkizuna batzen diren ilargi betearen pean. Otsemea ez dabil sekula beretzat egindako bideetan barrena. Piztiari ez zaio kamiorik irekitzen: basoa du territorio, sasitzan barrena dabil, bideak irekitzea du patua. Ernea du begiratua, iluntasunean ikusteko. Zoliak ditu belarriak, isiltasunari aditzeko. Zorrotzak, erpeak, lurrari tinko eusteko. Badaki ez dela lehenbiziko otsemea, eta ez dela azkena. Baso honetan izan ziren lehenago ere ulu egin zuten piztiak. Bizenta, Joxepa, Sabina, Mikaela, Plazida, Iñaxi. Ilargi beraren argitan. Ulu betiereko horretara batzen du bere ahotsa Labakak: esateko premiatik abiatzen da eta zuzen doa, itzulingurik gabe, jugularrera. Badator iluna, pausoak aditzen dira hostotzan: hamarnaka gara, ehunka, milaka... Eta ez diogu egunsentiari beldurrik. Uxue Alberdi BIZITZAN Doinua: Bizkorra ez naiz baina badaukat Abuztuaren 8 hartako ama baten erdimina geroa bitan erdibitzen da, ez da denontzat berdina; zer izango da mutil indartsu edota neskatxa fina, zer dagokio piraten edo Loti ederraren ipuina, baloia edo panpina? “Ongi etorri mundura, ttiki” ausartu da emagina… Mundu berean bi mundu daude: arrosa edo urdina. Noski, arrosa izan zen nire eskolaratze bidaia. Batzuentzako erdigunea fokua, hizketagaia, besteentzako periferia, erdirantz heltzeko nahia; urdinentzako ziurtasuna, arrosentzako ezbaia… Futbol- ez, gudu-zelaia Eneko erdi-erdian, bazter batetik begira Nahia; gizartearen maketatxo bat delako jolas-garaia. Jolas-garaitik berriro ere gelaraino nindoala mutilek barrez aipatzen zuten gogortutako azala zakila gora, zakila behera guztia zen hain normala… Niri, ordea, erdi ezkutuan poliki laztandu ahala hankarteko arrakala “Zikinkeriarik ez zazu egin” esaten zidaten hala, lurrean zeuden txikle arrosak desitsastean bezala. Beraz, izena eta izana debekatu eta gero, hamabi urte bete berritan nahiz ta ez nuen espero, ziklo batean elkartu ziren obario ta utero: “Usain txarra du”, “mingarria da” “bihurtuko zaitu ero”… Odoldutako kulero zuri buruzko gezur zerrenda sinestuta honezkero orain zurekin adiskidetzen ahalegintzen naiz hilero. Hamaseirekin musu goxo bat lapurtu nion Haritzi pelikuletan ikusi gisa betiko zela iritzi. Bertso kantari sortu nituen horrenbeste harribitxi eskolarteko txapela lortuz geratu nintzen lehenbizi agurrean bizi-bizi bizitza zer zen deskubritzera ez nintzenean iritsi; mikrofonotik kantatu nion “ezin dut zu gabe bizi”. Orduz geroztik egunean bi alditan naiz maitemintzen betiko diren konpromezuek ez naute biziberritzen. Besteak nola zaindu neroni zaintzeko gai ez banintzen? Oraindik bizi ez den puntu bat ez duenez inork hiltzen politiko nahiz apaizen errosarioek ez dute nire obarioetan agintzen behin abortatu egin nuen ta ez naiz errudun sentitzen. Ikusi nahi ez duenarentzat alferrik delako lupa oholtza gainean ere sentitu izan naiz abortatuta Itziar Ziga izan nahi nuen ez Teresa de Kalkuta. Gizonentzako mundu batean neska bati lausenguka, beste behin ere deituta antolatzaile maiteak ez du bere asmoa ezkuta; “saio hontarako deitu nahi nizun neska bat behar dugu ta”. Mila adibide daude kalean edota bertsolaritzan… gure amonaren amonari su eman zioten elizan urdina eta arrosa berdin bilakatzen dira gris han gaur egun beste modu batera jarraitzen da sorgin ehizan. Borrokatzen dut bizitzan agian noizbait hautatuz gero ama nahi dudala izan, alabak mila mundu ezberdin aukeran eduki ditzan. ZEINENTZAT EGINAK? Doinua: Gaueko Entziklopedia Koxkorra Propagandak egiten gaitu ezberdinak gabonetan markatzen dira bi erpinak; jostailu arros eta jostailu urdinak… Argi dago zein diren zeinentzat eginak. Baloi bat desio du Ane pinpirinak, kotxe telegidatu, barku, hegazkinak, ezpata luze eta piraten ipuinak… Baina hauek ez dira beretzat eginak. Anerrek nahi lituzke laguntzat panpinak, edabeak egiten dituzten sorginak, soinekodun printsesa edo erreginak… Baina hauek ez dira beretzat eginak. Joneren obsesio pieza arinak legoekin osatu nahian eraikinak, grua altuak eta hondeamakinak… Baina hauek ez dira beretzat eginak. Jonen gustoko dira sukalde izkinak, trapu batez garbitzen ditu zipriztinak plastikozko lapiko eta zartaginak… Baina hauek ez dira beretzat eginak. Julek belaunburuak nahi ditu zikinak, Supermanen marrazki bat duten patinak jantzita jaitsi ditzan aldapa haundinak… Baina hauek ez dira beretzat eginak. Julenek pintatu nahi ditu ezpain finak, probatu makillaje hautsak ta lurrinak, pultsera forma hartu ohi duten buztinak… Baina hauek ez dira beretzat eginak. Funtsean ez garenez horren ezberdinak morez zirriborratu ditzagun erpinak baloi arrosak eta panpina urdinak… Behingoz izan daitezen denontzat eginak. PLASTIKO BELTZEN ATZEAN Doinua: Haizea dator ifarraldetik 1.Ez du betitik nahiko onarpen homosexualitateak, emakumeak lanera edo bozkatzera joateak, “nik zuk adina eskubide dut” sentitu eta esateak… Gorroto ditut zentzu minimo bat ez duten debateak, fikzioaren muga gainditzen duten errealitateak; dena zilegi bihurtzen al du “betikoa” izateak? 2. “Betikoa”-ren zaindari dena ez da inoiz desagertu, irailak 8 honetan ez da irainen jasa atertu, egoeraren larritasuna behar genuke aztertu: kalea zulo beltz bihurtzen da, berdintasuna desertu, badakit ez naiz herritarra ez dut dena bizi horren gertu, baina mesedez niri ez esan ezin dudala ulertu. 3.Nahi duen orok uler lezake bertakoa izan gabe arakatuaz egunkariko zenbait argazki, zutabe pankarta batek zioen “gure eskubideak non daude?” zuen eskutan birrindu dira bilakatu arte hare neskei txistuka jardun zareten adineko nahiz nerabe beste urte batez izan zarete matxismoaren alarde. 4.Zakilen mundu publikoetan aluak oholtzaratzean, gizonen dantzak omen zirenak irrifarrez dantzatzean, “ez zegozkigun” gauak edota kaleak okupatzean, debekatuak izan zaizkigun jolasekin gozatzean, tradizioa deitzen dutena kontzientziz traizionatzean… guk ez daukagu gorde beharrik plastiko beltzen atzean. BERANDUEGI Doinua: Bizkorra ez naiz baina badaukat Izengoitia: Amona 1. Belaunburuak bihurtu zaizkit familia honen parte zenbat sehaska kanta, bizipen nahiz fikziozko pasarte… Atzo esker hitz izandakoak bihurtzen dira bihar ke, sarri askotan zail da hartzea betebeharrak bitarte norberarentzat bi tarte… hautu izan ez diren ardurek zama handia dakarte; beti besteak zaintzen jardun naiz nitaz ahaztu naizen arte. 2. Amona batek ingurukoei zor die mila maitasun doako lana denak ordea ez du nahiko duintasun. Sukalde baten kabitzen bada horrenbeste goxotasun, pazientzi eta ume txikien negar sarkorren oihartzun… “Besteok lagun gaitzazun, jakin nahi nuke astirik eta indarrik ba al daukazun…” galdera egin ez diotenak ezin du ezetz erantzun. 3. Nahiz maitasuna uler lezaken bakoitzak mila eratan ezkondu eta mende erdia gero elkarri zelatan haserraldiak ugari eta besarkadak horren bakan behin estimatzen jakin gabea sumatzen dut orain faltan, gu bion arteko talkan mila zatitxo erditu dira bizitzen azken etapan; lehen elkarrekin lokartzen ginen gaur egun ohe banatan. 4. Mesanotxeko argazki zaharrak ditu izkina horiak, gu ere berdin horitu gaitu denboraren memoriak gure oheek gau ilunean dirudite hilobiak, non galdu dira garai bateko izarapeko gloriak? Errutinan eroriak nire desio ezkutuenak lapurtu dizkit Ongiak mihiak kontatu ezin zuena gordetzen du klitoriak. 5. Bizitzan zehar irentsia dut jakinmin adina listu neukana eta zegokidana onena zela sinistu. Nintzena eta nahi nukeena ezin nituen bereiztu ametsen forma hartu ohi zuten horma arteko zirriztu guztiak ziren murriztu nahiz ta tarteka berriz zerotik hasteko gogoa piztu nire beldurrek bihurtu dute tentazioa arrisku. 6. Arrisku gisa ikusi ditut hanka sartzeko aukerak nahigabe hartuz besteek nitaz esperotako jarrerak. Hirurogeita hamar urteko emakume hain onberak ondokoei so ahaztu baitu berez zer nahi zuen berak… Urteen bilakaerak nire barruan zabaldu ditu borrokarako trintxerak orain artean inoiz egiten ausartu ez naizen galderak. 7. Amuen forma sarri gordetzen da galdera ikurrean; aldatu nahia orekan eta esperantza beldurrean. Etorkizuna ez, iragana daukat esku ahurrean zartatu dena baserriko lan nahiz baratzako lurrean guztia ez da urre han… Nekea daukat tatuatuta orain azal zimurrean nire burua ezezagun zait ispiluaren aurrean. 8. Ezezaguna ezagutzea niretzako da zilegi, lehenik eta behin guztia argi esango diot Joxeri ondoren, berriz, mahai inguruan seme-alabekin eseri: “Lehertu egin naiz eta banoa, ezin dut horrela segi, sufritu baitut gehiegi…” Maiz aldaketa batek ez dauka zertan izan amildegi berandu izan daiteke baina ea ez den beranduegi. GABON, POLITTA Lasarte-Orian, 2016ko abenduaren 10ean Doinua: Norbere mundu intimo 1. Gabon, politta! Hemen dun nire testimonioa loarekin sinatzeke zeukanat konbenioa autodestruktiboa dun sortzaileon gremioa, aldiro baieztatzen din gau-egun binomioa; begizulo markatuak, goizetako jenioa… gauerdian beti ditun sormena, injenioa… manta azpira heltzean ametsen eldarnioa bi ohekide zeuzkanat: hi eta insomnioa. 2. Mesanotxeko ilargi iheskorraren argitan desio ezkutuenak behingoz haragi bizitan azalean inurriak eta tximeletak tripan gorputza biltzen dinaten maindireen inbiditan… Grabitaterik ez zegon hire gelako orbitan. Metafora egokirik ez dun idatzi lirikan, hi edertzeko margorik ez dun sortu kosmetikan… polittena hagolako beti esnatu berritan. 3. Laztan batekin esango dinat “Egun on, laztana” behatzekin esnatzeko hire azal beltzarana. Oso nahastuta zebilen hireganako imana; batzutan higandik ihes besteetan hiregana. Hi gosaldu nahi haunat ez tea eta kroasana, ahaztu despertadorea, eguzkiaren orbana, jantzi irri bihurri bat eta erantzi pijama, eguna hasi arren ez dinat igo nahi pertsiana. 4. Pertsiana altxatu gabe dardarka zeuden kortinak, elkar maitatzeko arau, norma eta paradigmak. Nahiz abestian bostehun gau aipatzen dizkin Sabinak bilakatuko al gaitun gau bateko heroinak, gudu-zelai honetako eromenaren biktimak? Izarak lubaki ditun ta hire musuak minak… mihi puntaz tatuatu nahian galderen errimak; egin dizkinate inoiz betileekin kilimak? 5. Aldiro ezberdin diren gorputzeko usainetan, kartografiatu ezin ditudan hire zainetan, barrurantza naramaten paradisu labainetan, plazerraren suak higan utzitako orbainetan… Galdu nahi dinat aurkituz hire izter lirainetan askatasuna, sentituz boterea mingainetan, ustekabean emanez hozkada bat ordainetan nire goiko ezpainekin hire beheko ezpainetan. 6. Normarena nahiko niken pentsamenduan atxiki ez gaitun eta gizarte honen menpeko maniki libre hautatu nahi dinat noiz etzan eta noiz jeiki, noiz atximurkadaz josi, noiz besarkatu poliki… Sexua iraultza badun bi alu eta lau titi borrokabideak ditun -konturatu naun berriki-. Batera egin dezagun barne inpultsuei jarraiki ikasia deseraiki eta hutsetik eraiki. 7. Eraikitzea zaila dun dena deseraikitzean baina ahaldundu ohi naun hirekin konpartitzean koloretsu agertu haiz nire logela grisean hiru metro karratutan jardun gaitun tetrisean. Azken musu bat emanda hire irri konplizean “Agur, politta, ondoloin!”, logurea sentitzean begiak itxi dizkinat hauen karga handitzean ea hor jarraitzen dunan berriro irekitzean. 8. (Gutuna bukatu dinat, baina barka zan) post data: azken bertso bat buruan zeukanat-eta bueltaka badakin hire barruan urtu nahi dinat tantaka sekretu ezkutuenak deskubritzeko banaka. Betidanik izan dinat irudimena zabal ta idealizatu ostean hire gorputza atalka berriro sentitu dinat insomnioaren talka gaua luzea dun, hemen hi besterik ez haiz falta. ZIRRIKITUETAN Doinua: Norbere mundu intimo 1. Nork egin du historia? Nor dago liburuetan? Nor esparru publikoan: tabernan edo plazetan? Nor kantari sukaldean, josten, artazuriketan, sehaskaren inguruan edota konbentuetan? Bertsolaritzaz idatzi izan dute hainbatetan; batzuk fokopean daude beste batzuk ilunpetan… Lau begi eta bihotz bat jarri ditut testuetan, ea altxorrik topatzen dudan zirrikituetan. 2. Bertsoaren jatorria hasi ezkero biluzten aitzindarien kontuak ez du zalantzarik uzten: Eresigileak kantuz hildako gorpuei eusten ta profazadorak kopla satirikoak gorpuzten, “desvergonzada” horien mihia zail zen kamusten… Nahiz nik izkina batetik pozik entzungo nituzkeen, Bizkaiko Foru Zaharrak argiki du erakusten; emakume zirelako isilarazi zituzten. 3. Isiltzea xede duen gizarte patriarkalak hautatu ohi du nor diren baztertuak, marjinalak… Egitura horri sortu nahi dizkiot arrakalak gogoan hartuz Bizenta Mogel zenaren ahalak. Umezurtz bihurtu zuen guraso hilen magalak, nahiz alegiekin bete orri txurien azalak, irudimenari bertsoz jarriagatik hegalak… aldiro irentsi ohi du bere osabaren itzalak. 4. Beste emakume batek sorrarazten dit lilura, “Hondarribiko Joxepa” omen zuenak deitura. Bere berri izatea izanagatik jomuga Bilintxek esandakora mugatzen da ahanztura, baina bera ahazteak ez ote dio ardura? Nahiz dirudien sarritan irteten zela kantura, beste guztien antzera ikusezin bihurtu da inon parerik ez zuen “dama bertsolari” hura. 5. “Xenpelar” esanez gero -ez baldin bada mirariz- gizonezko ospetsu bat agertzen da letra handiz arrebaz eta ilobaz oso gutxi egin da hitz nahiz azken honek sorta bat josi hain erantzun argiz. Enrike Elizegi ez zen nahastu aldizkariz neskazaharren topikoak Ibaizabal-en idatziz bertsio osagabe bat genuke ehungarren aldiz Joxepa aurka egiten ausartu izan ez balitz. 6. Joxepatik Joxepara luzatu nahi nuke soka Hernaniko Zubeldia daukadanez begiz jota “Baztangaren bertsoekin” sendotu zuen borroka Lasarteko izurridun gaixoen gurdien kontra. Gizonak negozioan, burokrazian itota, ta emakumeak irmo bide erdian orroka… Tilosetan ospatzeko bertsoz egin zuen topa herri bazkari batean mahai gainera igota. 7. Asteasun “Pello Errota”-k honi ta hari jarriak, arreba Sabinarenak ez ziren txalogarriak, bi alabek ere ezin ase bertso egarriak; hotsa atera ohi zuen Mikaelaren “zintzarri”-ak. Entzun nahi ez dutenean gortzen dira belarriak, arto aleak xehetuz hain kriki-kraka sarriak… ez dugu inoiz jakingo urratu arren eztarriak zenbat ahots estaliko zituen errotarriak. 8. Zizurkil ere izan zen bertsolarien arkupe ta Pedro Mari Otañok badu nahikoa entzute onbuari jarritako bertso ezagunen truke, “Amerikako panpetan” igaroz hainbeste urte. Batzuengan hutsa dena besteengan da bertute; bere lehengusina ere gogoan behar genuke, ez Amerikako onbu, ez atariko intxaurpe… Plazidak zerri kantatzen zion jakin nahiko nuke. 9. Ezinbestean aipatu behar Iñaxi Etxabe, oikiarrak “Basarri”-ri ez zion erantzun bare. Emakumeari buruz horrenbeste aipu grabe. Betidanik izan dira transmisioaren zutabe hark euskararen galera egotzi zien halare… “Basarri”-k bertso munduan zenbat tronu ta aldare egoki erantzuteko gaitasun onenen jabe… ta inork ez daki zeinek utzi zuen hitzik gabe. 10. Historia aldatzen da zirrikituz zirrikitu; bilatzen jardun ezean ezin da inor aurkitu. Mardarasek eta Loidik nahiz izan nahiko meritu aurrekoen ahaleginak nahi nituen deskribitu, jakinmina ase asmoz arakatu, deskubritu… Bertso sorta luze honek -nahiz ez guztiak kabitu- ikusezinak zirenak ikusarazi nahi ditu; inork ez dezala esan ez zirenik existitu.
HITZAURREA Zail da lagun baten lana, maite duzun lagun batena, ondo kritikatzea. Goresten baduzu, irudituko zaizu (zaie) liburu honen izenburuak berak dioen «laztanak» gaina hartu dizula. Izenburuaren bigarren osagaia («aizkora») goregi jasotzen baduzu, izan dela pentsatuko duzu (dute) lehen osagaiaren mende zabiltzalako susmotik libratzearren. Horregatik, erarik zuzenena (eta neure kritika-ahalmen urria ezkutatzeko egokiena) iruditu zait poema-zati batzuk kateatzea dela, osoaren gurari bat sortzeko neure lagun askorengan. Baita etsaiengan ere, bizi badira. Ez naiz ni bakarra Karlos Cid Abasolo euskaldun berezitzat jotzen duena. Adjektibo hori, ezartzen zaion esanahitasun ia mugagabetik zein adieratan ulertu behar den bakoitzak hauta beza. Neuri, behintzat, ez dit grazia handirik egiten. Karlosi ez dakit, zeren: Euskal idazle madrildar naizen honi, ordea, agertoki transgresorea (adjektiboa ez da nirea) proposatu zidaten elkarrizketarako: Iruñeko zezen-plaza. Berea ez dela dioen adjektiboa, «transgresorea», agertokiari beharrean, bere pertsonari aplikatu baliote, ez zen, beharbada, hainbeste haserretuko. Izan ere, euskal idazle madrildar batek badirudi euskal idazle ohiko batek baino libreago joka dezakeela. Karlosen kasuan, ezaugarri hori nabaria da, bai idazkietan, bai Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan. Halako erlazio endogamiko batean mugitzen garen euskaldun autoktonooi komeni zaigu norbait atzerritarrek salatzea: Euskaldun batek, ahoa irekitzen duen bakoitzean, kutsatzen ditu ingurukoak (…). Badago birus bat dela oso larria. Ba, begira! Bera perpaus erlatiboetan espezializatua izanik, paradigmak egokitu beharko ditu pixka bat. Eta ez erlatiboenak bakarrik. Elipsiari ere eman beharko dio igurtzi bat, zeren: Zu eta ni maskara (gara) beti: esloganaren egileak nahi izan gabe ere, publizitatea eta poesia gurutzatu diren leku miresgarria. Oh, felix culpa, aurkitu duzuna poesiarako zoko berri bat! Poemategi honetan ikusiko duzue Karlosen begiak hur-hurrean aurkitzen dituela (hori zortea!) poesiaren zelulak (edo bakterioak! ), zangotraban nahiz behaztopan. Edo uneroko gizalegean. Kaixoz kaixo, kaixorik kaixoena, kaixoren kaixoz, kaixotegi, kaixotasun, kaixomendu, kaixokor. Amodio morfologikoaren diosala. Hiru kontzeptu horien batura jakin nahi nuke nola ulertuko duten hizkuntzalarien katedretan. Pronostikoa ez dago argi, egia bada honakoa: Sintagmen matxinadak leher egin du derrepente. Nahitaez batu dira sorkariak eta gaixotasunak. Kasu honetan aitortu behar dut neu ere apur bat piku gainean atzeman nauela. Gozokirik ez zait komeni, baina maite ditut pikuak, sasoian sasoikoak, pikupasak barne, botatzen dudan muskil bakoitzak pentsamendu bat ekartzen baitit. Gorago begiratzen dut, baina kontuz. Pikondoak zur ahula dauka. Behera begiratzen dut eta: Lepo eginen nuke, baina noren aurka, zeren alde. Pentsaera filosofiko baten laburpena izan daiteke, baina zein filosofiarena? Pertsonen izaera batena, areago. Izango ote da inor, noizbait pentsatu ez duenik «lepo egitea»? Pentsatzea ez izan, ordea, nahikoa, zeren existitzeko nahikoa izatea (Descartes) ez baita nahikoa alderantzizko erabakira eramateko. Bego bertan! Laburpen argi eta zehatz horrekin geldituko naiz, zeinak nire bizitzako eta pentsamenduko egoera asko (ia gehienak) ukitzen baititu. Gehiago pentsatzea edo pentsamenduaren zelaia zeharkatzea maite duenak hemen du gogoeta enigmatiko bat: Patua, diote, Halabeharra omen, Zoria baitaukate erlijioaren parekotzat zientziaren osagarri. Pasarte horretan, gauza asko bururatzen zaizkit. Karlosen buruan ez dakit zer dabilen zehazki, eta hurrengo elkartzen garenean… Bo! Ez diot galdetuko, ez dadin gerta nik ulertzen dudana eta berak adierazi nahi zuena kontrajarriak izatea. Izan daitezke, eta on da izatea, hots, poetikoa da izatea, baina Karlosekin ez daukat ohiturarik poetikoki hitz egiteko, zeren, hala hasten bazara, arriskua baituzu misil bat hartzeko: Urrats berde martzial batek biren ulua du urratzen. Asfaltoa amildu egin da (…). Ez dago, ez, efektu kontrolaturik. Irudikatzen dut testu honen esanahia, baina ez dut gehiago agertu nahi, irakurleak ospa egin ez dezan. Ziur itzuliko dela. Noiz? Agian, mende batera, honela: Laurogei urte eta hamaika hilabeteko aldea. Udalerri berean. Bi pelotoi. Matxinoz osatua bata. Zelula zoroz bestea. Ez zuten elkar ezagutu. (…) Belardian etzanda bata. 1938an. Bakarrik. Ohean etzanik bestea. 2019an. Eta bitartean, pasarte lazgarriak gertatzen. Lazgarriak eta harrigarriak. (…) hogeita bi urte zituela (HOGEITA BI! ), anbulantzia batek (ANBULANTZIA BATEK!) hil zuen azpian harrapaturik. Ez adinak, ez naziek, ez anbulantziek ez zioten poeta gorenetakoa izatea eragotzi. Ez dago lirismorik. Errealitate urragarri bat, leungarri bakar batekin: poesiaren garaipena. Pasarte osoa irakurri behar duzu, indar osoaz jabetzeko. Berdin ondorengo pasartean, non osoaren zati batek hain erabat eraisten baitzaitu, ezen ia-ia xehetasun pertsonalak ez jakitea nahiago baituzu. Gaitza da berrogeita hamar urteko adinera iristea ezbeharrak bata bestearen gainean pilatzen zaizkizunean. Baina gaitzagoa da ezbeharrak gorabehera bizitzari eutsi nahi eta, Elaburga herrixkan deserriraturik, suizidioz mozorrotutako hilketa pairatzea. Pasarte horretan, poesiaren garaipenak ere denbora bat behar du, abailduratik altxa zaitezen. Batean izua, hurrengoan abaildura, ondoren datozen irudietan ez dakit zer nabarmendu gehiago: izua, ironia, salakuntza ala autoafirmazioa. Eta neronek apal-apalik erregutzen diot poeta-agiria opari diezadala abuztuaren 20an, ama nitaz erditu zen egunaren urtemuga horretan utz diezadala Mexico-United States barrier hori zeharkatzen, ez ditzala poliziak eta soldaduak bidal Río Bravora, Sonora eta Chihuahuako basamortuetara, Colorado ibaira edo Kalifornia Behereko iparraldera ni errukirik gabe tirokatzera. Parnasoan poeta igeltsero gisa lan egitea beste asmorik ez darabilt, beren burua poetatzat daukaten hitz-metatzaile horiek barrier hori gaindi ez dezaten. Orain ez dela idazten Arestiren moduan? Ez, ba! Arestik lehoiak nahi zituen. Orain tximeletak nahi dira. Garaiak aldatu dira, bai. Badirudi lehoiak beharko direla berriz. Niri, atseginez, «poeta igeltsero» horrek Aresti ebokatzen dit. Aresti kalean gerta daiteke hurrengoa ere: Gaur ez dut bakarrik egon nahi, gaur zebrabidetu egin nahi dut espartinek, oinetakoek eta rentapercapitahandidun botek zeharka nazaten, bai eta batzuetan takoi konformagaitz psikoanalizagarriek ere. Karlos, Karlos! Eszena hori ezin dugu galdu. Zein hiri edo herritako kalean hautsiko duzu bakartasuna? Madrilen? Zarautzen? Bilbon? Pragan? Nik kasik bakartasuna nahiago dut esperientzia zebragarri hori pairatu baino, baina, zu ausarta zarenez –ausardia nerabez, oraindik–, ez daukat dudarik onez irtengo zarela, takoi konformagaitz guztien harriduraz, nahiz eta, nerabetza gainditua baituzu (arrazionalki, behintzat), susmoa daukadan probaren bat egina duzula hiri urrunen batean. Euskadi Irratiko Faktoria saioan galdetuko dizut zein kaletan eskaini nahiko zenigukeen ikuskizun pauloviano hori. Edo zuk, seguruenik, nahiago izango duzun dantza polotsyanoa. Zutitzean, deklamatuko diguzu hemen erdizka aurreratzen dudan “Gúmer (II)” poema. Baudelaire leitu dudala egiazta nezake poema honetan, (…) Dickinsonen eraginpean idazten dudala (…), Mistralen obra osoa irakurrita daukadala (…). Baina ez. Inondik inora ez. Zilegi bekit esatea sukaldeko leihotik begira nagoelarik sentitu dudala poesia, inoiz poesiarik irakurri gabeko norbaitengan haragiturik. Poema honek zerikusia du beste batekin: “Gúmer (I)”. Dakusgun zer gertatu zen: Sukaldean zutik gosaltzeak badu abantailaren bat, nahiz eta ohitura hori maiz gaitzetsi didaten. Gosaltzeko modu horretaz damutzear nengoenean gertatu zen miraria: Ez nuke izan nahi miraria argitzeko bezain zapuztaile. Zerbait espeziala izan behar du (gorago esan bezala, «berezi» adjektiboak defentsiban jartzen nau), honen ondorio plastiko eta zirraragarria eragiteko: Tostada busti zitzaidan, baina, estreinakoz, ez kafesnera jausita. Poema osoa irakurri behar duzue. Hau eta beste guztiak. Gorago esan dut zortea dutela Karlosen begiek, nonahi aurkitzen baitute poesia. Hots, dohaina (edo malezia) baitute zernahiri poesia erionarazteko. “Ginkasak dena sendatzen du” poeman, ikonoklastaren ajea izeneko esteka aurkituko duzue, non kritika batek egilearen lehen poema liburua –Keinu konplizeak– argitasunez laudatzen baitu. Zuk, Karlos, ondotxo ezagutuko duzu zeure ama-hizkuntzako «nunca segundas partes…» delakoa. Ba, oraingoan, esaerak salbuespen bat jasan beharko du, zeren «hitz-metatzaile horiek» ere onartu beharko baitute bigarrenean lehenengoa gainditu duzula. Xabier Amuriza BIGARREN HARRI-KOSKORRA Booktegiko arduradun agurgarri hori: Karlos Cid Abasolo nauzu, euskalaria, itzultzailea, eta, apal-apalik esanda, baita poeta ere. Berrogeita hamazazpi urteko adinera iritsia naizenez, uste dut badela garaia euskal literaturari neure bigarren harri-koskorra ekartzeko. Izan ere, ez dut Literaturaren Zubitegian obra bakarreko euskal poeta gisa agertu nahi. Hori dela eta, honekin batera bidaltzen dizkizut orain arte plazaratu gabeko ene poema guztiak, gutxi-gutxi baina guzti-guztiak, Laztanak eta aizkorak izenburupean bilduak. Booktegin argitaratzeko modukoak irudituko zaizkizulakoan, adeitasunez agurtzen zaitut. KCA 256 KEINU HEROIKORI GORAZARRE Sartu zinen Euskal Herriko liburu-denda batean, abiatu zinen euskal poesiaren sailera, asmo hori buruan zeharkatu behar izan zenuen lokal osoa, bukaeraraino, azken zokondoraino, eta han Harri eta herri eta tropelekoak hautsa pilatzen zeuden apalategiko azken-azken apaletik Keinu konplizeak hartu, zabaldu, eta azken poemarekin egin zenuen topo, zeinean aitortzen bainizun maite zintudala, zuregatik emaztea eta alaba uzteko prest nengoela baldin eta egiten bazenuen poema liburu hura erosteko keinu heroikoa, zeina egin baitzenuen minutu bakan batzuen buruan. EBAKIPUNTUA Galdutako bi arima gara arrainontzi batean igeri gabiltzanak. Pink Floyd Babelgo dorrean gertatutakoa ez zunan hainbesterako izan. Hala pentsatu ninan nik elkar ezagutu genuenean. Hik milaka hizkuntza jakin; nik, ordea, bi eta libra erdi bat. Eskerrak inkomunikazioa gainditu genuen laztan bidez ebakipuntu bat topatu genuenean. EZ HAIN ARROTZA Bada hari mehe ikusezin bat oharkabean guk bizi izan gabeko geure iraganarekin lotzen gaituena, hala nola gure arbasoen mintzoarekin, hizkuntza hori arrotz gertatu arren. A.O.-k, (bidenabar esanda, alabaren bitartez), zorrotz galarazi dit inizial horien atzean lubakitzen diren izen-deiturak neure irakurle ugariei jakinaraztea, inizialen aldeko hautu horrekin datu-babesa bermatuz eta, aldi berean, bere izena eta, ondorioz, bere izana partzialki ukatuz (alboko kalteak). Harira etorriz, A.O. Larache edo Al-´Araish herrian (hobetsitako hizkuntzaren arabera) jaio zen, protektoratu espainiarraren garaian. Bere bizitzako urte gehienak Madrilen (Espainia) eman ditu, hasierako itsasomina gainditurik bertan gozo eginda. Aitaren aldetiko aitona Palentzia hirian (Gaztela-Leon, Espainia) munduratu zen, euskaratik berrehun eta hogeita hamar kilometrora. Aitaren aldetiko birraitona Debakoa (Gipuzkoa, Euskal Herria) zuen, euskaldun petoa. Eta hara non duela lau hilabete, ustekabean, A.O. Madrilgo (Espainia) bere etxeko salan atsegin handiz telebistari begira zegoelarik, sortu zen Larache edo Al-´Araish herriko (hobetsitako hizkuntzaren arabera) birbilobaren eta birraitona debarraren arteko konexio magikoa, odol-lotura. Ari ziren pantailan Espainiako (Espainia) errege emeritu delako baten ibilerak, zeintzuen berri duela oso gutxi arte ezin baitzitekeen jendaurrean eman, banan-banan eta zehatz-mehatz aletzen, sosak gora, sosak behera, maitaleak gora, maitaleak behera. Eta bat-batean sortu zen azken-aurreko ahapaldian aipatu konexioa: A.O.-k, aparatu katodikoari sorginduta bezala beha, bikain ahoskatu zituen Aitorren hizkuntza zaharrean gertatu zirenez euskaratu behar ez ditudan hitzok: “Monarkia kanpora”. EN EL TEMPS DELS RADIOCASSETS1 Audio-kaseteen garaian(Hego Euskal Herrian, “zinten garaian”)artisau lana zenkanta bat hamaika aldiz entzuteko modua sortzea. Pletina bikoitzean zinta orijinala eta zinta hutsa(“birjina” deitzen genion orduan)sartu eta zinta hutsean kanta behin grabatu,birritan,hamaika aldiz,eta, hala,hamaika aldiz entzun, hamaika aldiz dantzatudantza ezin lotuagoan,supazter txokoan,Maria del Mar Bonet handiarenJim doinu gozoaren arrimuan. Tamalaadinetabizi-helburualdea. En el temps dels radiocassetsera una tasca artesanal trobar la manera d’escoltar una cançó mil vegades. Ficar la cinta original i la cinta buida (“verge” li dèiem aleshores)en la doble platina i gravar la cançó en la cinta buida una, dues, mil vegades,i aixísentir-la mil vegades, mil vegades ballar-la molt abraçats,vora la llar de foc,embolcallats pel so dolç de Jimde la gran Maria del Mar Bonet. Llàstima de la diferència d’edat id’ objectius vitals. IZENGOITIAK (I) Norena naiz? Izuarena, zeinak hartzen bainau atzamar zeharrargietan. Lorategi itzaltsuko untxitxoarena, zeinak usaimena trebatzen baitu. Jíři Orten Karel Jílek, Václav Jílek, Jíři Jakub, eta, batez ere, Jíři Orten izengoitietan lubakitutako Jíři Ohrestein poeta txekiar judua, joan den mendeko berrogeiko hamarkadan, protektoratu alemaniarraren garaian, hogeita bi urte zituela (HOGEITA BI! ), anbulantzia batek (ANBULANTZIA BATEK!) hil zuen azpian harrapaturik. Ez adinak, ez naziek ez anbulantziek ez zioten poeta gorenetakoa izatea eragotzi. Jíři: txekiarrez gain, Mercedes Sosak eta beste bakan batzuok soilik zuzen ahoskatzen dakigun izena. Jurgi edo Gorka euskal ordainak ahoskatzea den errazarekin. EZIN ELKAR GEHIAGO MAITATU Laurogei urte eta hamaika hilabeteko aldea. Udalerri berean. Bi pelotoi. Matxinoz osatua bata. Zelula zoroz bestea. Ez zuten elkar ezagutu. Ez zieten elkar ezagutzen utzi. Eta, halere, ezin elkar gehiago maitatu. Belardian etzanda bata. 1938an. Bakarrik. Ohean etzanik bestea. 2019an. Belardiko hilotzaren bilobez eta birbilobez inguraturik. Alberto Barandika KAFE ESEKIA (I)2 Pragako taberna baten izenak “kafe esekia” esan nahi du. Antzina, edonork bertan bat hartu eta bi ordain zitzakeen. Halaber, edonork “ba al dago hemen kafe esekirik?” galdetu eta, baiezkoan, har zezakeen. Gorroto dut karitatea, baina maite dut kafe esekia. KAFE ESEKIA (II)3 Kaixo, E.: Mendeak dira elkarri postalik bidaltzen ez diogula, eta bada garaia ohitura onak berreskuratzekoa. Abenduan egin nuen Pragarako bidaiakoa da postal hau. Tabernaren izenak “kafe esekia” esan nahi du. Antzina, edonork bertan bat hartu eta bi ordain zitzakeen. Halaber, edonork “ba al dago hemen kafe esekirik?” galdetu eta, baiezkoan, har zezakeen. Gorroto dut karitatea, baina maite dut kafe esekia. Elkarri postalak bidaltzen genizkion garaian maite zintudan beste edo are gehiago. AMODIO MORFOLOGIKOA Kaixo bakar bat oihartzundu zitzaidan ziplo etorkizunerako estrata urratu nahian. Kaixo baino kaixoago, zenbat eta kaixoago, orduan eta kaixoago, kaixoz kaixo, kaixorik kaixoena, kaixoren kaixoz, kaixotegi, kaixotasun, kaixomendu, kaixokor. Amodio morfologikoaren diosala. DENA DEN Eta, agian, denborari eta grabitazioari garaitzeko modu onena da murruen gainetik pasatzea aztarnarik utzi gabe, itzalik utzi gabe. Marina Tsvetaeva Gaitza da berrogeita hamar urteko adinera iristea ezbeharrak bata bestearen gainean pilatzen zaizkizunean. Hala pentsatu bide zenuen, Marina Tsvetaeva, Elaburga herrixkan deserriraturik urkatu omen zinenean. Zaila da dirudun jaio arren alaba txikia umezurztegian gosez hil zaizula onartzea. Nekeza da senarra eta beste alaba espioiak izatea egotzita torturatu dituztela asimilatzea. Dena den, Marina Tsvetaeva, amodioaren kolore orotarikoak gozatu zenituen (zure garairako heroitasun nabarmena), poesia idatzi zenuen (egokitu zitzaizun denborarako ausardia). Eta poliziek atxilo egin eta galdekatu zintuztenean, zeure poemen itzulpenak irakurri zenizkien erantzun bakar gisa. Gaitza da berrogeita hamar urteko adinera iristea ezbeharrak bata bestearen gainean pilatzen zaizkizunean. Baina gaitzagoa da ezbeharrak gorabehera bizitzari eutsi nahi eta, Elaburga herrixkan deserriraturik, suizidioz mozorrotutako hilketa pairatzea. GÚMER (I) Sukaldean zutik gosaltzeakbadu abantailaren batnahiz eta ohitura horimaiz gaitzetsi didaten. Gosaltzeko modu horretaz damutzear nengoeneangertatu zen miraria: tostada eta kafesnea hartzeaz bat,leihotik begiratueta bizilagun kuttuna ikusi nuen,laurogeita bost urte,tripaundi,Olentzero,Inés emaztea besotik helduta zeramalaataritik furgoirako bidaia egunerokoan. Inés beti ere dotorea ibilgailura igo eta nik so egin niensenarraren begi beti ere maiteminduei. Tostada busti zitzaidan,baina, estreinakoz,ez kafesnera jausita. GÚMER (II) Baudelaire leitu dudala egiazta nezake poema honetan, itsasoetako albatros txori handiak dibertimendu hutsez ehizatzen dituzten marinel gazteei erreferentzia eginez, Dickinsonen eraginpean idazten dudala txilarren begiak ikusi ditudalako itxurak eginez, Mistralen obra osoa irakurrita daukadala azuzenak diruditen musuak lerrootara garraiatuz. Baina ez. Inondik inora ez. Zilegi bekit esatea sukaldeko leihotik begira nagoelarik sentitu dudala poesia, inoiz poesiarik irakurri gabeko norbaitengan haragiturik. GÚMER (III) Ba omen zen Itsaso izeneko ume moko bat egun batez arropa esekitzeko pintza batean amaren izena txukun idatzi eta ondoan bihotz bat are txukunago marraztu zuena. Urteak eman ei zituen amak pintza hura ikusi gabe harik eta bere gogotik ere aienatu zen arte sekula existitu ez balitz bezala. GÚMER (IV) Telefono hotsa: “Egun on, Karlos, igo nire etxera, zerbait daukat-eta zuentzat”. Esaneko-esaneko igo naiz, eta, txintik esan gabe, pintza bat luzatu dit paper-mutur bat oratuta daukana. Etxera jaitsirik, irakurri dut paperak dioena: “Hemen bukatzen da Lydia izeneko pintzaren istorioa, zeinak egun batez ekin baitzion, arropa esekitzeko sokatik kalera erorita, mundu zabalean barrena bidaiatzeari, harik eta hamargarren pisuko bizilagun eskuzabalak aurkitu eta jabeari itzuli dion arte”. HITZ GUTXIKO GIZON ONESTA Intelektualitatearen talaiatik, Salamancako errektoretzatik militar faxisten matxinada bere hitz-jario joria baliatuz hauspotu zuenari, zeukan izena zeulakarik ere, hiriko seme kutuna eta gainerako lausenguak oro kentzeko ere duintasuna behar da gero. Ernesto Erkoreka jauna, Bilboko historiako alkate isilena. Aginte-makila izan zuen garai zailetan, bere mundu-ikuskerarekin bat ez zetozenen laguntzaile. Sasoi ilunetan, bere mundu-ikuskerarekin bat ez zetozen zenbaiten lekukotzek (bere salatzailearena barne) babestua. Ernesto Erkoreka jauna, joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan, laurogeita hamaika urte zituela (LAUROGEITA HAMAIKA! ), pistolek Bilboko alkatetza utzarazia izan eta hogeita bat urtera, tranbia batek (TRANBIA BATEK!) jota hil zen. Garrantzitsua da erraz ahoskatzeko moduko izen bat edukitzea. Baina are garrantzitsuagoa onesta izatea. JAKINTZA Bigarren liburu hau idazten ari naizela jakin bezain fite tematu haiz, Miren Josune, kosta ahal kosta, leher edo zaparta bertan agertzen, dela laztanen sailean, dela aizkorenean. Hire nahiari (ohi bezala) men eginez, eta hire izena euskalduntzeko baldintza negoziaezinpean, poema hau eskaintzen dinat laztanen sailean, prefosta, honako hau esateko: ni baino amiñi bat lehenago hilko haizela noizbait, eta, donokian hagoelarik, inskripzio hau zizelkatuko dudala hire hilarrian: “Hemen datza Miren Josune mitiko eta orojakilea”. INTERTESTUALITATEA (II) Arestik lehoiak nahi zituen. Orain tximeletak nahi dira. Garaiak aldatu dira, bai. Badirudi lehoiak beharko direla berriz. Xabier Amuriza Erranen dute hau poesia ez dela eta nik erranen diet poesia aizkora bat dela. ADIERAZPENA Poema bat poetari jo dioten aizkorakada baten berriemaile izan daiteke. Edo poetak hitzaren bidez norbaiti mendekuz jotako aizkorakada baten adierazpide. Edo poetak bere buruari jotako aizkorakada baten aitorpen. Edota poetaren begi edo belarrietara iritsitako munduko aizkorakaden leiho. Halako poemak tartekatuko dira atal honetan, oinazea (neurea edo besterena) ezpal bihurtuz. IZENGOITIAK (II) “Idatzi dinat poema bat pintzari buruz”, esan diot. Irakurri egin diot eta berak, barre-zantzoka: “Ez al duk gogoratzen zer esan nian pintzaren kontu hori gertatu zenean? Idazkera hura ez zela Itsasorena, heldu batena baizik, eta, hori gutxi balitz bezala, eta hik ongi dakianez, Itsasok sekula ez didala Lydia izenez deitu ( “ama” izenez inoiz deitu ez didan gisa), Lili, Lolo edo Nevado izengoitiz baizik”. KAFE ESEKIA (III) Aupa, hi: Irakurri diat atzo Berrian argitaratu ziaten testua. Zorionak, asko gustatu zaidak (bainaren esperoan ni), interesgarria duk hor kontatzen duana (bainaren esperoan ni), baina esan behar diat ezertaz idatzi aurretik ondo dokumentatu beharra dagoela lotsagarri ez geratzeko. Aipatzen duan usadio hori ez duk soilik Pragako taberna horretakoa, eta, areago, ez zuan han sortu, Napolin baizik, zehaztu gabeko garai batean. Iturburuak ez dituk horretan ados jartzen: XIX. mendekoa dela ziotek batzuek, XVIII.ekoa omen duk beste batzuen aburuz, agian XVII.ekoa edo Erdi Arokoa. Eta hik bitxikeria gisa kontatzen duan hori azken hamarkadan zagok mundu zabalean barreiatua, eta izena duenak izana duenez, hik txekieratik itzulita kafe esekia deitzen dioan horrek badik ordaina hainbat hizkuntzatan: caffè sospeso deitzen zaiok Italian, suspendu café herri frankofonoetan, café suspenso lusofonoetan, schwebender kaffee edo aufgeschobener kaffee germaniarretan, café pendiente Latinoamerikan eta Espainian, suspended coffee herri anglosaxoietan eta planeta osoan. Eta, aztura berpizturik, sare sozialen bidez global bihurtzeraino hedatu bazen, literaturari zor zioagu: Tonino Guerraren ipuin bati eta Luciano De Crescenzoren liburu bati, hain zuzen ere. Ekintzaileek eta onlineko marketinean adituek ohitura napolitar hura negozio bihurtu zitean domeinuak erosiz, webguneak eta Twiterreko kontuak sortuz. Córdobako Río Cuarto hiria udal ordenantza baten bidez atxiki zitzaioan modari. Café pendiente / Caffè Sospeso / Coffee for all film dokumentala 2015ean ekoitzi zian koprodukzio argentinar-italiar-estatubatuar batek, eta 2017an, jakina, Netflixek erosi. Google maps-en bidez jakin zitekek non dauden ekimenari lotutako tabernak eta jatetxeak. Oraindik maite al duk, konpai, elkartasun anonimoaren ikurra omen den kafe esekia? KAFE ESEKIA (IV) Europako coffeeshare webgune guztietan sartu, eta apuntatu ditut ekimenari hiri bakoitzean loturiko tabernen izen eta helbideak. Zarpail-zarpail jantzi, eta hasi naiz kontinente edadetuan barrena bidaiatzen, zerrendako taberna bakoitzean galdetzeko ea kafe esekirik ba ote daukaten niretzat. Please, do you have a suspended coffee for me? Per favore, c'è un caffè sospeso qui per me? S'il vous plaît, avez-vous un café suspendu pour moi? Eta abar babeldar bat. Taberna guztietako bezeroek, direla hipsterrak, direla muppieak, martetarra banintz legez egin didate so. Taberna guztietako zerbitzariek, ingeles zakarra ahoan eta gorrotoa begietan, ezetz oihukatu didate, Red Cross-eko leihatilan emango dizkidatela nahi adina suspended coffee. ZERO ZAZPIKO GARAIETAN IDATZITAKOA Zero zazpi aurrezenbakia markatzen den guztietan erdi irekitzen da zirrikitu bat ezdutulertzenlandiara garamatzana. Han makina bat gerriko saldu dizkigute on-ustean antza antza besterik ez zeren ez baitigute gerrikook urkamendien self-servicerako baino balio eta ahitu dira hari komunikatzaileak eta eten da solasa Persiako tapizak eta Beiruteko granada-jaurtigailuak eros erosten ditzakedanetik ditudanetik nire auzoko hipermerkatuetan astean behin, arratsero, esku diru edo arma eskuan sistema baliatuz. ZURE KEINU FALTSUAK Egizu kontu zure keinu faltsuak ligako emaitzak bezain ongi dazaguzkiela munduko basajaun bakartuenak ere. Harridura bidean jarri naute zenbait ezezagunek eta bidezidor lokaztuetan zendu naiz deshidrataturik. Patua, diote, Halabeharra omen, Zoria baitaukate erlijioaren parekotzat zientziaren osagarri. MAITASUN STALINDARRA Urrats berde martzial batek biren ulua du urratzen. Asfaltoa amildu egin da berde ere, martzial ere baden giza dirdaian behera, hemen eta han, badaezpadako amaiera izango duen jolasa irudikatuz. Ez dago, ez, efektu kontrolaturik. Ustekabeak tenk egiten dio kordelari. Halabeharrak sehaskatik bertatik hautsi zuen esku korapilo bat (batera eginiko ulua), urrats berde martzial batek han eta hemen orbandua. LOTSA Lotsa: bost letra izuaren mugan, handik betikotasunerainoko estrata ukitu ere egiten ez dutenak. Ez dugu deusik espero, ez gaitu zerga erotikoen zamak ikaratzen, biluza irmo bat susmatu da hitz handios bakoitzaren gibelean, hesteak ebatsi dizkidate goiz ilargigabe batean eta zeure telefono zenbakia segundoro ez markatzearen zioaren azalpena lotsaz haragoko barrutian ediren daiteke. Gauero bihurtzen naiz orratz. Gau ero, gau ero, gau ero. MASOKISMOA Setazko iskanbila nagusitu da munduaz Loriarik gabe bizi dira gihar herdoilduak Aieneka eman nahi nuke urte pare bat Erosta sabatikoa, zinkurinezko atsedena Oinazearen orbainetan ezarri omen dute faltsukeria ezezagunaren oroigarria Tankerik gabe. PASAPORTERIK GABEKOARENA Trenez tren zabilzkit preso hizki-mizkitan barrez. Kartoizko elefanteak basamortuan hurrupaka norenak egin duen jakiteke. Auskalo batek dakien baietz ala baietz. Kurloiarenak eta bost esan zizkidaten hiri ezezagun horretako harresia, lantza eskuan, jagoten ari zirenek. Badakizu: pasaporterik ez eta. SEMAFORORI INTSUMISIOA Gaur ez dut bakarrik egon nahi, gaur zebrabidetu egin nahi dut espartinek, oinetakoek eta rentapercapitahandidun botek zeharka nazaten, bai eta batzuetan takoi konformagaitz psikoanalizagarriek ere. Ni, behin-behineko zebrabide, goletarik gabeko bertute, Semafororen aurka naiz borrokatuko antiseptiko desagerkor baiteritzot, legeak hala behartutako bertute, erran nahi baita, ez-bertute. UBI SUNT Udazkenak galtzadak trabeskatzen ditu uhinen itzulerak, eguzkien satorkeriak hostokatuz. Gaur da etortzeko, kreditu-txartelak maginatik ateraz, bisoizko berokiaz estalirik, eta jainko parabolikoarengan sinesten du: judizio berriaren aurreko azken jainkoarengan. ULTIMATUM JUSTIFIKATUA Eta hustu zait berben lapikoa, 4 mututasunaren ertzetik dagiot hitz gaur gutunik ekarri ez didan mezulari berriari. Asaldatzen nauzu, besterik ezean, beste norbaiten diosalaz, zeingoiou. Ene telegrama hark baialaez soila eskatu eta horra hor ahozko tiroketa: horrenbeste esplikazio, horrenbeste ñabardura. Hasia da unatzen hozkailua, purrustaka ari zaretenok nik gorroto, ehuneko bat eta erdia ados, populuaren borondate sakratua, herratsu zatzaizkit zio-zuloan sartu ez naizen honi. Lepo eginen nuke, baina noren aurka, zeren alde. Agortu da padura. Leku utzi dio behakoen erasoari mintzoen etxe orratzak. LA DERITZON BIRUSA Badago birus bat mundu zabalean hedatuko ez dena zeren ez baititu Euskal Herritik haragoko mugak gaindituko. Gure artean ari da zabaltzen, gure izaera ari da suntsitzen, gure enda ari da birrintzen gazta edo ogia balitz bezala, eta, halere, inor ez da arriskuaz ohartu, inor ez da asaldatu. Euskaldun batek, ahoa irekitzen duen bakoitzean, kutsatzen ditu ingurukoak eta euskaltzainburuak ere ez du gaitz horren kontrako txertorik sortu. Badago birus bat dela oso larria. FILOLOGIAREN ONURAK Asma: hitz bat, bi esanahi. Asma asma: bi hitz, lau esanahi. Konbinatoriaren legeak poetikaren hobe beharrez. Sintagmen matxinadak leher egin du derrepente. Nahitaez batu dira sorkariak eta gaixotasunak. Odola, odola, odola: morfemen itsaso likitsa. Ahoa josi diogu elkarri hildakoen hautsetik ihes. GINKASAK DENA SENDATZEN DU Zenbat ikono eraitsi diren, zenbat gorputz bihurtu diren gorpu beste ikono batzuen izenean. Zenbat tenplu eraiki diren beste tenplu baten barnean matrioxkak balira bezala. Katxi bat ginkas edan behar dut orain, hurrup, ikono, sarraski eta triskantzarik gabeko errealitate bat irudikatuko badut. Eta bihar, badakizu: ikonoklastaren ajea. ELIPSIAREN MUGAK a. a.-ri, desadostasunez. Joseba Sarrionandiari, maileguagatik (ez naiz Bunbury). Zu eta ni maskara beti. Lengoaiak, beti jakintsu, dituen bertute handienetakoa dugu elipsia. Baina neurrizkoa, argia, murriztapen jakin batzuei egokitua, laburtasun edota errima efektu hutsaren aitzakian bedeinka ezin daitekeena. Zu eta ni maskara (gara) beti: honatx elipsiaren murriztapenekin bat datorren sakoneko egitura eta, hortaz, azaleko egituraren interpretazio posible bakarra, zeina ez baitzen pretenditzen bide zena. Zu eta ni maskara (gara) beti: esloganaren egileak nahi izan gabe ere, publizitatea eta poesia gurutzatu diren leku miresgarria. GUTXIESTE MAILAK Pentsamendu bakarraren etsaioi zilegi zaigu desadostasuna adieraztea eta obligazio onartzea. Ez, ordea, norekin ere bat ez baikatoz, hari izena eta, ondorioz, izana ere ukatzea. Perfektua ez naizenez, baina ez erabat inperfektua, inizialez eta letra xehez aipatu dut berori aurreko poemaren eskaintzetan. Besteren izenaren eta, ondorioz, izanaren ukazio ez erabatekoa. NOR BAI, NOR EZ Pontifikatzen du Poetak Parnasoko pulpitutik: “Ez da nahikoa lerroak haustea poema on bat egiteko”. Edo, agian: “Ez da nahikoa lerroak haustea poema on bat egiteko”. Eta abar konbinatorio bat. Eta neronek apal-apalik erregutzen diot poeta-agiria opari diezadala abuztuaren 20an, ama nitaz erditu zen egunaren urtemuga horretan utz diezadala Mexico-United States barrier hori zeharkatzen, ez ditzala poliziak eta soldaduak bidal Río Bravora, Sonora eta Chihuahuako basamortuetara, Colorado ibaira edo Kalifornia Behereko iparraldera ni errukirik gabe tirokatzera. Parnasoan poeta igeltsero gisa lan egitea beste asmorik ez darabilt, beren burua poetatzat daukaten hitz-metatzaile horiek barrier hori gaindi ez dezaten. BI KOLORE BAINO EZ Papa, jo vull ser torero. Papa, jo vull matar toros. Papa, jo vull saltar als ruedos. Ay, papa, jo vull ser torero. Albert Pla Inbidia diet Euskal Herriko euskal idazleei. Izan ere, artefaktu katodikoak elkarrizketatzen dituenean argitaratu zaien azken liburua hizpide, salbuespenak salbuespen, atzealdean itsasoa izaten dute dekoratu gisa, Kantauri harroa, Kresalaren kokalekua, edo mendia, euskal mendi musker eta sorgintzaileren bat, Garoako Aloñaren tankerakoa. Euskal idazle madrildar naizen honi, ordea, elkarrizketarako agertoki transgresorea (adjektiboa ez da nirea) proposatu zidaten: Iruñeko zezen-plaza, ez itsaso, ez mendi, baina (eskerrak!) Euskal Herrian kokatua, eta ez Pozoblancon edo Rondan (eskertzen diet detailea). Tira, pentsatzen jarrita, ez diet eskertzen, ez dago-eta zer eskerturik, zeren saioa ez baita inoiz Euskal Herritik kanpo egiten. Grabazioaren eguneko gauean, Iruñeko Zaldiko Maldiko kultura elkartean bi lagun jakintsurekin berriketa eta edanaldi atseginean ari nintzelarik, hara non, haietako batek zezen-plazaren erdian ageri nintzeneko bi argazki erakutsi zizkidan, txio batean argitaratu berriak. Egun gutxiren buruan idatzi nion aurkezleari mesedez, faborez eta arren erregutuz saioaren zati nagusian nire atzean ikusten ziren barrerako kolore gorri-horiak atzeman ez zitezela postprodukzio-trikimailuren baten bidez, hala nola kolore aniztasuna zuri-beltzera murriztuz. Lasai egon nintekeela erantzun zidan: “Zure atzean ikusten dena ez da bandera bat, baizik eta bi kolore, Estatuko erkidego batzuek ere euren banderetan erabiltzen dituztenak”. Orain, urte eta erdi igarota, sumindura arindurik, denboraren joanak ematen duen hausnar-aukera baliatuz, harritzen nau nola, espainiar peto-petoa izaki, ez zidaten eskatu monteraz, kapotez, eta traje distiratsuz ager nendila plazan, nola ez ninduten zezen baten aurrean jarri euskal literaturaren zaleei erakuts niezaien txikuelinak, bular-paseak, manoletinak eta igel-saltoak (nire espezialitatea) egiteko dudan dohaina. Eskertzen diet detailea. Bonus track: KAFE ZENTZUZ BETEA Kafe bat aurrean duzula eserita egoteak zentzua izan dezake. Erraza da. Nahikoa da ekimenari atxikiriko kafetegi atsegin batean sartu, eta, te, kafe edo beste edari edo jaki batekin batera, Zentzu bat eskatzea hamabost koroa txekiarreko prezioan. Zentzu bat ordaintzen duzun aldiro, elkartasun keinu konplize bat egingo duzu: Green Doors-eko kafetegietan lanean trebatzen diren gaixo mentalei laguntzera bideratuko dira hamabost koroa horiek. Esker on gisa, kafe zentzuz betearen pegatina bat oparituko dizugu. Urrun al dituzu ekimen honetako kafetegiak? Ez zara kafezalea? Ez du axolarik, zeure etxeko erosotasunetik ere lagun diezaiokezu-eta proiektuari. Klik. GIBEL SOLASA Kafe eseki bat eta poema batzuk, mesedez Honaino heldu bazara, irakurle, Laztanak eta aizkorak irakurriko zenuen, baldin eta ez baduzu liburua gibel solasetik irakurtzen hasteko ohitura bitxi hori. Hori dela eta, ez dizut esango zer aurkituko duzun poema sorta honetan, baina konplize arituko natzaizu, biok egin dugu-eta ibilbide berbera. KCA saltsa ederrean sartuta dago, deseroso, itsasoa eta mendia ukatu dizkiote-eta. Zezen-plaza batean ipini dute, harmailak hutsik, ikuslerik gabe. Eta, halere, badaki, jakin ere, milaka begik ikusiko dutela. Ez dute zoo batean jarri, Kafkaren gosearen artista legez, ez, bihozberak dira-eta. Izan ere, telebisioaren bidez zabaldu da gure poetaren irudia, elkarrizketatzailearen aurrean. OK kortako dueluaren ordez, telebisioko berbaldi bat. Madrildar euskaldun bat, beti ere kanpotar, beti ere sinpatiko. Flashforward Ia bi urte geroago, zezen-plazarik eta elkarrizketatzailerik gabe, beste liburu bat aurkeztu digu KCAk: honako Laztanak eta aizkorak hau. Begi zorrotz baten bidez, munduko abarrotsaren gainetik bildu ditu laztan politak. Esate baterako, zine pantailan hainbat urte igaro eta gero, Cary Grant eta Ingrid Bergman Madrilgo etxebizitza batean bizi direla. Edota kasete zahar batean Maria del Mar Boneten ahotsa hamaika aldiz aditzen duten bikotekideak hipnotizaturik daudela. “Laztan bat eta gero amildegia”, zioen Keinu konplizeak liburuan KCAk. Bizi garen garai honetan laztanak arriskutsu bihurtu dira, birus hilgarri baten eramaile isil. Egun, laztanak bezain susmagarri bihurtu dira liburuak ere. Horregatik, KCAren liburua modu birtualean duzu esku artean. Interneten bidez zabaldu da lan hau, eta, beharbada, leku ez leku hori aproposa da Laztanak eta aizkorak nonahi barreiatzeko. Hobe duzu aizkora birtualak edo irudikatuak erabili, ezen ez sorbatz zorrotzeko tresna horiek inoren eskuetan utzi. Honezkero jakitun egongo zara pintza xume batek hamaika istoriori eusten diela bi muturren artean. Halaber, hizkuntzaren ajeak denok daramatzagula buruan, ikonoak eta sarraskiak elkarren ondoan daudela. Eta, batez ere, mundu anker honetan poetak nonahi akabatzen dituztela. Anbulantziek kalean edota borreroek etxean bertan erahiltzen dituzte poetak. Ez da txantxetako kontua akabatu ahal dituzten lagunen zerrendan agertzea, poemak eginez gero. Ingurune mehatxukor horretatik ihes egiteko, zorroa hartu eta Madrid-Chamartín tren-geltokitik abiatzen den trena hartu, Hendaian-edo, eta Erdialdeko Europako hiriburuetan barrena txango egin, horra proposamena. Konfinamenduaren garaian KCAk dohainik eskaintzen digu balizko bidaia hori etxetik mugitu gabe egiteko txartela. Helmuga zein den ez du axolarik, KCAk pasaporterik ez dizu eskatuko-eta. Beraz, har ezazu bilduma hau eta hasi berriz irakurtzen, kafe eseki bat eskatzearekin batera. Susmoa daukat ostera ere kalean libre (inozoaren ametsa) ibiltzea posible denean, gero eta bidaia alegiazko gehiago egin beharko dituzula poema sorta bati atxikita. Noizean behin, zeure burua babesteko, aizkorakada bat jo beharko duzu, ordea. Hala egin du KCAk telebisioko saio horren irudi prefabrikatua apurtzeko. Zaude lasai, dena den, KCA ogi puska bat delako, nahiz eta hizkuntzarekin daraman borrokaren alde edozer egiteko prest dagoen. Garaiaren zurrunbiloak nahiz filologia borrokak kantsatuta laga digute, eta gogoa suspertzeko irakurleak behar ditu, adiskide. Irakurleak, heroi horiek. Ez al litzateke polita izango Bilboko tabernetan denontzat eskuragai izatea poema liburuak edo poema solteak? Zurito bat, mesedez, eta pasadazu Leire Bilbaoren Etxeko urak. Eta orain etorriko zaigu askodaki bat esatera, esan ere, halako eta halako herritan liburuak tabernetan zabaltzen direla musu-truk, aspaldian sortu zela halako ohitura Italiako ez dakit zein herritan eta Earaino heldu dela. Imajinatzen duzun edozer jadanik eginda dago, inon gertatu da edo batzuek asmatu dute. Beraz, liburu guztiak idatzita daudela esan genezake, Borges edo Barthes aukeran. Eta, halere, KCAren poemak irakurritakoan, ezin ukatu oraindik ere zer edo zer esan daitekeela, berben lapikoan kirri eta karra. Laztanak eta aizkorak: bizitzaren joanean bietako bat etorriko zaizu bakea haustera edota bihotza kilikatzera. Bitartean, hemengoa egina dugu, eta, aspaldiko marrazki bizidunetan legez, berba bat okurritzen zaigu amaitzeko: koniec, fini, akabua. Xabier Goi ESKER ONA HARTZEKODUNEI Esker onekoa naizenez, liburu hau nortzuen zordun den adieraziko dut hurrengo lerroetan. Mila esker, bihotz-bihotzez, bi Xabierri: XABIER AMURIZAri, poemen abanguardia sortzeagatik, eta XABIER GOIri, atzeguardiaz arduratzeagatik. Eskerrik asko, bestalde, ARITZ BRANTONi, liburuari Booktegin abegi egiteagatik. Eta, ia hiru urteko atzerapenarekin, LEIRE LOPEZ ZILUAGAri, laztan eta aizkorakada hauen aitzindari diren keinu konplizeei eman zielako aterpe, Susa argitaletxean. Gainerako hartzekodunak alfabetikoki ordenaturik ageri dira jarraian, inor haserretu ez dakidan. Peru ALVAREZ Lydia ANTÓN xxxxxxxxxxxxxxxx Gabriel ARESTI Alberto BARANDIKA Celitxu BARANDIKA Ferran BÉJAR Laura BENEROSO OTÁDUY Maria del Mar BONET Itsaso CID ANTÓN Ure COMAS xxxxxxxxxxxxxxxx Ernesto ERKOREKA Igor ESTANKONA xxxxxxxxxxxxxxxx Gumersindo JIMENO Xxxxxxxxxxxxxxxx Manex LEONÉ Feli NEBREDA Jíři ORTEN A.O. María Jesús PENIT PINK FLOYD Albert PLA SAIAZ HOTELA (Getaria) Joseba SARRIONANDIA Inés SICILIA Mercedes SOSA xxxxxxxxxxxxxxxx Marina TSVETAEVA Itziar UGARTE … eta gau gazi-gozo hartan Iruñeko Zaldiko Maldiko kultura elkartean nirekin berriketa eta edanaldi atseginean aritu ziren bi intelektualak. Autozentsura dela eta, bost hartzekodun ezabatu egin ditut. Eta beste bat, esker onik ezean, zerrendatik kanpo utzi. KCA AURKIBIDEA HITZAURREA BIGARREN HARRI-KOSKORRA LAZTANAK 256 KEINU HEROIKORI GORAZARRE EBAKIPUNTUA EZ HAIN ARROTZA EN EL TEMPS DELS RADIOCASSETS IZENGOITIAK (I) EZIN ELKAR GEHIAGO MAITATU KAFE ESEKIA (I) KAFE ESEKIA (II) AMODIO MORFOLOGIKOA DENA DEN GÚMER (I) GÚMER (II) GÚMER (III) GÚMER (IV) HITZ GUTXIKO GIZON ONESTA JAKINTZA AIZKORAK INTERTESTUALITATEA (II) ADIERAZPENA IZENGOITIAK (II) KAFE ESEKIA (III) KAFE ESEKIA (IV) ZERO ZAZPIKO GARAIETAN IDATZITAKOA ZURE KEINU FALTSUAK MAITASUN STALINDARRA LOTSA MASOKISMOA PASAPORTERIK GABEKOARENA SEMAFORORI INTSUMISIOA UBI SUNT ULTIMATUM JUSTIFIKATUA LA DERITZON BIRUSA FILOLOGIAREN ONURAK GINKASAK DENA SENDATZEN DU ELIPSIAREN MUGAK GUTXIESTE MAILAK NOR BAI, NOR EZ BI KOLORE BAINO EZ Bonus track: KAFE ZENTZUZ BETEA GIBEL SOLASA ESKER ONA HARTZEKODUNEI Oharrak [←1] Ure Comas eta Peru Alvarezen katalanezko itzulpena. [←2] Berria egunkariko paperezko edizioan argitaratutako bertsioa (2020-7-8). [←3] Berria egunkariko webgunean argitaratutako bertsioa (2020-7-8). [←4] Zin dagit (zin dagizut, Ilaski Serrano!) poema hau ETB1eko 2020ko Berben lapikoa saio zoragarria baino askoz lehenago idatzi nuela.
—Eskerrak San Balendin Eguna modaz pasatu den —esan zuen Thackenbury andreak—; Gabonak eta Urte Berria eta Pazkoa direla eta ez direla, urtebetetzeak ez aipatzearren, nahikoa eta sobera egun gogoratu behar ditugu. Gabonetan saiatu nintzen arazoa gainetik kentzen nire lagun guztiei loreak bidaliz, baina ez zuen funtzionatu; Gertrudek hamaika berotegi dauzka eta hogeita hamar lorezain inguru, beraz erridikulua izango zen loreak bidaltzea, eta Millyk lore denda bat jarri berri du, hortaz, pentsatu ere ez. Gertrude eta Millyrentzako opariak presaka pentsatu beharraren estutasunak, noiz eta uste nuenean kontu horretaz hain xamurki ahaztu ahal izango nintzela, hondatu egin zizkidan Gabonak erabat. Eta gero eskerrak emateko gutunen monotonia: «Eskerrik asko lore ederrengatik. Zein jatorra, nitaz gogoratzea». Jakina, kasu gehienetan ez nintzen hartzaileez ezertarako ere gogoratu; haien izenak «ahaztu ezineko jendea»-ren zerrendan zeuden. Dena memoriaren menpe utziz gero, omisio bekatu larriak egongo ziren. —Arazoa da —esan zion Clovisek izekoari— gogoratu behar intrusiboko egun horietan ekin eta ekin jarduten dela giza izaeraren alderdi bakar batez, bestea albo batera utzita zeharo; horregatik bihurtzen dira hain behartuak eta artifizialak. Gabonetan eta Urte Berrian konbentzioek zirikatu eta bultzatzen gaituzte onginahi baikorrez eta morroikeriazko afektuz beteta dauden mezu koipetsuak bidaltzera nori eta bazkaltzera ere gonbidatuko ez genukeen jendeari, azken minutuan norbaitek bazkaltzeko huts egin ezean behintzat; Gabon Gauean New Yorken jatetxe batean afaltzen bazaude, zilegi da, eta horixe espero da, «Garai Zaharrengatik» abesten hastea sekula ikusi ez dituzun eta berriz ikusi nahi ez dituzun ezezagunen eskutik helduta. Baina beste norabidean, aldiz, ez dago lizentziarik. —Beste norabidean? Ze beste norabide? —galde egin zuen Thackenbury andreak. —Ez dago aterabiderik zure sentimenduak erakusteko sinpleki gorroto duzun jendeari. Horixe da benetan gure zibilizazio modernoa aldarrika eskatzen dabilena. Pentsa zelako bozkarioa litzatekeen egun berezi bat izendatuko balitz kontu eta arrangura zaharrak kitatzeko, egun bat zeinetan batek hauspo betean eman liezaiokeen airoski mendeku hartzeari altxor gisa jagon duen «ahaztu ezineko pertsonen» zerrenda batekoei. Gogoan dut eskola pribatuan bagenuela egun bat, uste dut hiruhilekoaren azkeneko astelehena zela, liskarrak eta arrangurak konpontzeari eskainia; jakina, ez genuen merezi bezala apreziatzen, zeren, azken buruan, edozein egunek balio baitzuen helburu horretarako. Hala ere, aste batzuk lehenago mutil txikiago bati agiraka egin bazenion lotsabako izateagatik, egun horretan beti ahal zenion episodio hori oroitarazi berriz ere agiraka eginez. Hori da frantsesek «krimenaren urratsak berritzea» deritzotena. —«Zigorraren urratsak berritzea» deituko nioke nik —esan zuen Thackenbury andreak—; eta, edozelan ere, ez dut ikusten zelan txerta litekeen eskola mutilen mendeku sistema primitibo bat helduen bizimodu zibilizatura. Ez ditugu gure grinak gainditu, baina suposatzen da ikasi dugula dekoro zorrotzaren mugen barruan edukitzen. —Jakina, isil-ostuka eta gizabidez egin beharko litzateke —esan zuen Clovisek—; grazia izango litzateke ez litzatekeela inoiz nahitaezkoa izango, bestea bezala. Orain, esaterako, zeure buruari esaten diozu: «Esku erakutsiren bat egin beharko diet webleytarrei Gabonetan, oso jatorrak izan ziren Bertierekin Bournemouthen» eta egutegi bat bidaltzen diezu, eta Gabonen osteko hurrengo sei egunetan Webley arrak egunero galdetzen dio Webley emeari ea gogoratu den zuri eskerrak emateaz bidali zenien egutegiagatik. Ederto, orain transplantatu ideia hori zeure izatearen beste alderdi humanoago horretara, eta esan zeure buruari: «Datorren asteartean Nemesis Eguna da; zer arraio egin niezaioke alboko jende nazkagarri horri, halako iskanbila zentzugabea sortu zuten horiei Ping Yangek haginka egin zionean beren ume txikienari?» Orduan, egun seinalatuan, ikaragarri goiz jaikiko zinateke eta euren lorategira salto egingo zenuke, lorezaintzarako sarde on bat hartuta, beren tenis zelaia zulatzeko trufen bila, eta, jakina, horretarako aukeratuko zenuke ereinotzek behatze lana eragozten duten zelaiaren partea. Ez zenuke trufarik aurkituko, baina bai bake ederra, inongo opari kopuruk sekula eskuratuko ez lizukeen tamainakoa. —Ez nuke halakorik egingo —esan zuen Thackenbury andreak, haren protestak amiñi bat behartua bazirudien ere—; zizare bat sentituko nintzateke hori eginda. —Larresten ari zara zizare batek hain denbora mugatuan sor lezakeen nahasmendua —esan zuen Clovisek—; hamar minutuz sarde zinez on batez buru-belarri arituz gero, emaitzak pentsaraziko luke sator harrigarriki trebe baten edo azkonar presati baten lanak direla. —Igar lezakete neu izan nintzela —esan zuen Thackenbury andreak. —Jakina igarriko luketena —esan zuen Clovisek—; hortxe legoke graziaren erdia, Gabonetan nahi izaten duzun legetxe jendeak jakitea zein opari edo postal bidali diezun. Jakina, kontua askoz ere errazago kudeatuko litzateke itxura batean harreman ona daukazunean gogoko ez duzun izakiarekin. Agnestxo Blaik tripontzi hori, esaterako, janariaz beste ezertaz pentsatzen ez duena: oso erraza litzateke gonbidatzea piknik batera basoren bateko puntaren batean eta bazkariaren aurretixe bera galtzea; eta, aurkitzen zenuenerako, kasualitatez janari hondarrik ere ez geratzea. —Ez dago gizaki arrunten esku bazkari bat gertu dagoenean Agnes Blaik galtzeko beharko litzatekeen estrategia: egia esan, ez dut uste halakorik egin litekeenik. —Ba orduan gonbidatu beste batzuk, gogoko ez duzun jendea, eta gal ezazu bazkaria. Okerreko lekura bidalia izan liteke nahaste bategatik. —Piknik negargarria izango litzateke —esan zuen Thackenbury andreak. —Haientzat, ez zuretzat —esan zuen Clovisek—; irten aurretik zuk bazkari goiztiar eta bizkorgarri bat hartuko zenuke, eta eguna hobetu zenezake zehatz eta mehatz zerrendatuz galdutako oturuntzaren item guztiak: otarraina Newburg erara, arrautzak maionesaz, eta labe txikian berotzekoa zen kurria. Ardoen zerrendara heldu baino askoz lehenago, Agnes Blaik eldarniotan egongo litzateke, eta bitarteko itxaronaldi luzean, bazkaria azkenean agertzeko itxaropena erabat gal zezaten baino lehen, zuk jolas tontoak egitera bultza zenitzake, adibidez «alkate jaunaren afaria»-ren jolas ergel hori, non bakoitzak janari baten izena aukeratu behar duen eta txorakeriaren bat egin janari horren izena esaten den bakoitzean. Kasu horretan ziur aski negarrez urtuko lirateke egokitu zaien janaria aipatzen zen bakoitzean. Piknik zerutarra izango litzateke. Thackenbury andrea isilik geratu zen une batez; San Barau Eguneko piknikera gonbidatu gurako lituzkeen pertsonen zerrenda egiten bide zebilen. Azkenean galdetu zuen: —Eta gizon gorrotagarri hori, Waldo Plubley, bere burua beti mainatzen ibiltzen den hori... bururatzen zaizu hari egin lekiokeen zeozer? —Argi zegoen Nemesis Egunaren posibilitateak ikusten hasia zegoela. —Jai horren ospakizuna inoiz nolabait zabaltzera helduko balitz —esan zuen Clovisek—, hain izango litzateke handia Waldo lortzeko eskaria, non asteetako aurrerapenaz erreserbatu beharko zenukeen, eta, hala ere, ekialdeko haizea balebil edo laino bat edo bi ageriko balira zeruan, agian tentu handiegiz ibiliko litzateke bere izate preziatua etxetik ateratzeko. Ze bozkarioa, kilikatuko bazenu baratzean hamaka batean etzateko, juxtu liztorrek udaro habia egiten duten tokian. Arratsalde bero batean hamaka goxo bat erakargarria izango litzateke bere gustu alfer-nagietarako, eta orduan, goxo-goxo geratzen ari zenean, habiara botatako pospolo piztu batek liztor guztiak ateraraziko lituzke masa sumindu batean, eta laster aurkituko lukete «bigarren etxe bat» Waldoren gorputz lodian. Lan pixka bat ematen du hamaka batetik presaka irteteak. —Hil egin lezakete eztenkadekin— protesta egin zuen Thackenbury andreak. —Waldo da heriotzarekin ikaragarri hobetzen diren pertsona horietako bat —esan zuen Clovisek—; baina horren urrun joan nahi ez bazenu, izan zenezake eskura lasto umel apur bat, eta hamakaren azpian hari sua eman zeniezaioke pospoloa habiara botako litzatekeen une berean; keak eztenkada eremutik at edukiko lituzke liztor gehienak, militanteenak izan ezik, eta Waldo haren babesaren esparruan geratzen zen bitartean, ez luke kalte larririk izango, eta azkenean bere amari bidal lekioke bueltan, sardinzar ketu bat eginda eta handituta han eta hemen, baina, hala ere, inongo arazorik gabe ezagutzeko moduan. —Haren ama nire etsaia bihurtuko litzateke betiko —esan zuen Thackenbury andreak. —Postal bat gutxiago Gabonetan bidaltzeko —esan zuen Clovisek.
Esker mila Olatzi, badiaren babesean, portu aldeko zazpi balkoiak gogoratuz. bat Oslon osteguneko goiza, udaberriko lehenengo eguna izateko, ezohikoa zen; sargoria; hezetasun handiak eta airerik bako beroak sorrarazitako sentsazioa. Egunak etorriak ziren bata bestearen atzetik berdintsu, eta sasoirako hain eguraldi gogaikarriak ematen zuen neurriz gaindiko zamaz kargatzen zuela hiritarren lepoa, astun bihurtuz bertakoen egunerokoa. Minnedammen auzunetik hegoaldera begira ikusten zen dorretxearen aurrealdeko aldapan, Kilde-hoddet, iturburu deituriko aldean, hiri osoan gelditzen zen baserritar bakarra erdi kantuan zebilen kodainaren erritmo alaian belar moztu berde latz bihurtuarekin azpelak egiten. Itxuraz ezelango ardura barik zebilela ematen zuen, inguruan gertatzen zenaz ohartu gabe bezala- edo. Alboan, astoa, apareju eta guzti, estrata gaineko sasi kimuak jaten. Antzinako erretratu zuri beltza ematen zuen, malenkoniak urratua, nolabait denborak aurrera egitea gurako ez balu bezala. Haakonsson inspektoreak bigarren aldiz aldatu zuen begirada gorpuari so egiteko. Gero, bereziki beste ezeri erreparatu gabe, berriro behatu zuen ingurua. Lubakitik ezkerretara, teilatua lau haizetara zuen harrizko baserri itzela ikusten zen, “hemen nago geureari eusten sendo eta harro” aditzera ematen zuela. Aurrean, intxaurrondoz beteriko oilo-lurrean, etxandreak arto aleak bota ahala, hainbat oilasko eta oilanda, dozena bat inguru, bata bestea eragotziz zebiltzan, hain janari estimatua harrapatu guran lurrera mokoka. Hain ikuskizun harmoniatsua aldamenean utzita, Haakonsson auzitegiko mediku andreari zuzendu zitzaion: - Alfhild, noizko izango duzu txostena? –esaldia irmoki botako zion, inolako adiskidantza kutsu barik, nolabait bestearekin tratua izatera behartuta egongo balitz legez. Nabaritzen zitzaion ez zuela gogo handirik hitz egiteko, barrutik ufada krudelez beteriko ideiak bueltaka izango balitu bezala, besteak beste aurrean hilik zegoen pertsonak bizitzan pairatutako gora behera astunak irudikatuz. “Zer bekatu egin ote du ba honek honela amaitzeko”, –edo eta– , “eragin bortitzeko erabakiak hartu behar izan ditu ba koitadu honek, zerraldo amaitzeko”; hainbat adarreko ideia horietan zegoen hausnartzen, tente, supituan, gezi baten erara, Alfhilden erantzun hitzak zuzenean eta bizi-bizi etorri zitzaizkionean esnatzera. Gogo txarrez hartuko zituen. - Nik zer dakit ba, nozko! Atzoko behako dozu, ezta? Beti bardin! Nozko! Lehenengo auzitegiko neskatoarena dekot, eta gero, Folke iturginarena. Nozko! Nik zer dakit ba, nozko! Dagoenean egongo da eta kito! Ganera epailea oporretan da antza, haren errazturik be ez da hemendik-eta! Nozko eroango daurie hau gorputegira? Beti kontu bardinakaz. Beti presino bera jasan behar, eta beti soldata berbera. A! eta lana bikoitza; hori bai, beharra bikoiztu jaku eta dana neure lepo ganera. - Epaileak agintzen duenean. Eta ez zaitez hasi betiko matrakarekin, gu ere egoera berdinean gaude-eta. Zer, itxiko dugu bulegoa eta asmo maltzurren lagunak lasai ibil daitezela? - Haakonssonen erantzuna harria bezain gogorra eta urik gabeko erreka bezain idorra izango zen. - Epaileak agintzen dauanean, horixe ba! Eta txostena eskatzen deustazu? Txostena edo txapelaren txortena!, - Haakonssonek esanari kasurik egin gabe, mespretxuz erabat kutsaturik atera zitzaion ahotik. Alfhild andreak, nynorsk norvegiera berrian ikasketak eginak bazituen ere, beste askori gertatzen zitzaion heinean, amak irakatsitakoa zuen gustuko hitz egitea; ipar mendebaldeko aldaera. Eta horrela hitz egiten zuen jende ororekin, nahiz eta sarri etxekoa eta ikasia nahasten zituen, eta, horrek, jakina, txarto ulertzeak zekarzkion, baina hori berari berdin zitzaion, arazoa bestearena zela uste baitzuen. Berdin egiten zuen inspektoreak, baina hark gaztetako lagunekin soilik. - Baina ez duzu ikusten beste edozerk baino premia handiagoa duela? Esango didazu ba gutxienez zer ordutan-edo hil duten? - Ostera ere, zerbait jakin beharrean, Haakonssonek Alfhilden esanei entzungor eginez ekingo zion. - Ze ordutan hil dan!, ze ordutan hil dan!, ezin itxaron bihar arte gutxienez! - forentseak erantzun zion, bere mihiaren punta guduan galdutako bizitza latzaren adierazle bailitzan. Sendagileak ostera ere baserrirantz begira zegoen gorpuaren aurpegia behatuko zuen, eta, belaun bata lurrean ipinita, erdi makurturik, gorpuari burua kokots aldetik helduta beste alderantz mugitu zion arean kostata. Adi geratuko zen begira buruak egiten zuen mugimendua ikusteko, eta segundo gutxi batzuen buruan, ondorengoa gaineratuko zuen: - Hamalau bat ordu esango neunke. Ze ordu da oin? - Hamarrak. Goizekoak, e! –Haakonssonek erantzuna adarra jotzeko doinu kutsuarekin bota zion, “goizekoak, e!” esaterakoan, ahotsa nabarmen igoz, nolabait bestea eztenkatu guran, bere senetik ateratzeko- edo, eta, aldi berean, segur aski, bera nor zen argi geratu zekion ere bai. Hala ere, nabarmen igartzen zitzaien aspaldi hasita zuten euren arteko joko bat besterik ez zela. Inspektoreak esaldia botaz bezain laster, auzitegiko medikuak bat-batean bihotz aldea eztenkatzeko besteko begirada agertu zion, eta jarraian gaineratu zuen: - Atzo gaueko hamarrak aldean hilko eben, baina xehetasunak behako dozuzanez itxaron behako dozu; bihar arte gitxienez. Badakizu nora etorri bihar! Dana dala, aurreratuko deutsut hemen ez dabela hil, baina horregaz konturatuta zagoz, ezta? - Bai, jabetu naiz. - Ganera agoa zapiagaz lotuta euki dau, denpora baten behintzat, baina hori bere ikusten dozu, ezta? - Bai, agerikoa da. - Andrazkoa ze arrazatakoa dan bere, gitxi gora- behera badakizu; afrikarra! Bistakoa da, ezta? Dana dala, hori bere ikertu beharko da, ze ez da Afrika iparraldekoa ez hegoalde ingurukoa; ez dot sekula hain aurpegi gozo eta berezirik ikusi. Halandaze, itxaron behako dozu. Inspektorea eta auzitegiko medikua txakurra eta katua bezala zebiltzan aspalditik. Polizia-etxean denek esaten zuten sexu kontua izan zutenetik zetorrela. Antza, haserrea gauen batean batak besteari kalabazak ematetik ei zetorren. Horixe zen susmoa behinik behin, ezen inork ere ez zekien ziurtasunez zein izan zitekeen batak bestea ezin ikuste horren arrazoi garbia, ez batak ez besteak ez zuen tutik esaten horretaz-eta. Ordura arte behintzat, lagun onak bezala zebiltzan. Gainera, ikaskideak izan ziren eskola urteetan, eta ezagutzen zituztenek ziotenez, sekula ez zen tirabirarik sortu euren artean. Baina egun hartatik-edo, nekez jasaten zuen batak bestea; ezinezkoa zitzaien bata bestearen ondoan egote hutsa ere, nahiz eta sarritan eurek ere joko bezala erabiltzen zuten. Haakonsson makurtu zen gorpuari ostera ere ermamiak begiratzeko, eta zegoen lekutik apur bat aldenduz taldeko bati zuzendu zitzaion, berarekin maiz batera eta bestera ibiltzen zenari, Gulbrandsen detektibeari: - Ermamiak erretzearekin nortasuna kendu nahi izan diote, eta horrek zailduko du gure lana. Dagny, oraindik ez dira etorri zientifikokoak? Non demontre sartu dira ba? - Dagoeneko hemen egon beharko lukete. Ez ziren galduko ba bidean? - Deitu, eta galdetu ea nondik diren. Poltsikoetan izan du zeozer? - Ezer ere ez. - Beraz, argibideren bat nor den jakiteko? - Ezta antzik ere! - Arakatu berriro goitik behera ea zerbait aurkitzen diozuen. Joan gero baserritarrarengana eta egin galdeketa, bera izan da-eta deitu duena. Zertarako eramango dugu bulegoraino hemen bertan erantzuterik badu. Badakizu zer egin. Bulegora noa. Han egongo naiz. - Zaila zen jakitea euren artean zergatik ez zuten polizia-etxe hitza erabiltzen; horren ordez bulegoa esaten zuten, nolabait anonimatua izateko beharragatik-edo izango zen? Bazitekeen horrela izatea. Dagny Gulbrandsen detektibea ile horaila motots eran orrazten zuen emakume gihartsu bizkorra zen, kontuak airean datozela harrapatzen dituzten horietakoa. Argia zen zereginetan eta Haakonsson inspektorearentzat ezinbestekoa ikerketak aurrera zentzuz eramateko. Sarri esaten zion berak izan beharko lukeela inspektore ardura, sobera prestatuta baitzegoen horretarako. Haakonsson, Ebbe izena zuena, urteetan berrogeiak arestian utzitako gizona, gizena zen erabat. Lodia, hitz batean esateko. Umetatik zen potoloa eta ordutik aurrera horren kontrako ezizena jarri zioten, nolabait argaldu zedin lagundu guran-edo, edo seguruago izango zen adarra jotzeagatik. Gupidarik gabeak ziren adin gazteak izan ziren horren errudun; bere lagunak-edo. Handik aurrera mundu guztiak deituko zion Tynn. Askok, gainera, bere benetako izena zein zen ere ez zekienez, haren izen naturaltzat zuen eta horrela deitzen zion. Tynn. Berari bost axola zitzaion batera edo bestera deitu; ez zuen horrelako kontuetan denbora galtzen; huskeriak iruditzen zitzaizkion. Gizonak zituen neurriak ikusita, eta gainera, sama bako pertsona zenez, lehenengo begiratuan, basurde itxura hartzen zitzaion, batik bat oinez zebilenean, ezen burua aurrera botata ibiltzen zen, eta horrek zuen baino oraindik animalia itxura handiagoa ematen zion. Hala ere, ez zen hori haren bereizgarririk nabarmenena. Berak zuen inteligentzia ahaltsuak desberdintzen zuen gainerako biztanleen artetik. Horrek egiten zuen handi. Horrexek bideratzen zuen, eta ez besteak, ezagutzen zuen ororengan berarekiko neurriko mirespena izatera. Gainera, bihotz oneko pertsona izanda, arraroa polizia batengan bestalde, are gehiago areagotzen zuen berarekin hitz egiteko eta kontuak kontatzeko desira. Enpatia kontua izan zitekeen. Argia zen gizona. Aski izaten zuen norbait edo zerbait segundo batez so egitea, sortutako erretratua garunean betiko gordetzeko, eta berehala beste edonorengana edo edozertara aldatzen zuen begirada. Orduan igartzen zitzaion barrutik ideiak azkar zebilzkiola, eta sen berezia ere bazuela gertatzen zena aurretiaz bat-batean harrapatzeko. Lanaren gorabeheretan bere iritziak nekez agertzekoa izaten zen, eta itaunak ziren gehienbat haren ahotik ateratzen zirenak, bai lagunekin bai jende ororekin solasean aritzen zenean; zainetan zeraman lanbidean beharrezkoa zuena; galdeketa. Autora sartzera zihoala inspektoreak xasisaren goialdea buruarekin joko zuen. Kontu handiz ibilita ere, auto barrura esertzera joaten zen bakoitzean gauza bera gertatzen zitzaion. –Berriro ere! - eskuarekin hazka egiten zuen heinean boz gora atera zitzaion. Automobila martxan ipini zuenerako, bidegurutzetik gorantz zientifikokoak bertaratu ziren poliki-poliki. Auto biak parera heldu zirenean gidariek elkar agurtu zuten; buruari leunki gora egindako agurra izan zen. Mugimendu txiki bat baino ez zen izango, behartuta bezala; keinuan inolako adiskidantzarik bakoa; elkarri “kontuz gurekin” esatekoa-edo. Ematen zuen bulegoan bertakoen arteko harremanak latz samar zeudela. Bazitekeen bulego guztietako kontua izatea; estresa, indarkeria, handinahikeria, armen gorabeherek dakarten botere pertsonala, edozein herritarren gainetik zeudela pentsatzea. Funtsean, hala ematen zuen bederen, jainkotxoak zirelako usteak zekartzan harremanak oso zailak izaten ziren kudeatzea. Edo izan zitekeen, baita, euren arteko borroka, espazio agintea, botere oreka ere. Jakina da, norbera norbere taldean tinko eta geldi. Laster batean, hildakoaren inguruak erregina zaindu beharra izaten duen erlategia ematen zuen, bakoitzak berean ziharduela. “Oraintxe desagertuko dira aztarna guztiak”, Ebbe Haakonssonek aurrera zihoala pentsamendura ekarri zuen. Alfhild mediku forentseak eskuetatik latexezko eskularruak kendu zituen lurrera ernegaturik botatzeko, eta handik autoa utzi zuen lekurantz haserre bizian, barrutik ufako krudelez beterik bezala alde egin zuen. Albotik, apur bat aldenduta zegoen Gulbrandsen detektibeak errieta egin zion: - Aizan! Ingurua zaindu behar dun gero! Zer, baserritarrak zakarrontzira bota ditzan? Auzitegiko medikuak begiratu ere ez zion egingo, eta txakurrak hezurrari ekiten dionean, beste bat hurbiltzean hortzak erakutsiz batera ahotik botatzen duen doinu onomatopeikoaren antzerakoa agindu zion erantzun legez. Lehenengo orubean egin berri ziren etxebizitza-blokeetara heldu zenean, Haakonsson inspektoreak Huldreveien kalean barrena gidatu zuen autoa. Gidatu ere, gaizki dabilen makina zahar bat bezala gidatzen zuen, eta Skogryggveien kaletik Faunveienera egiteko jarraituko zuen. 168tik bulegora heltzeko Risalléenetik Ring3a hartu zuenean, sekulako auto-ilara zegoela ikusi zuen. Autotik irten eta, batak bestea atzetik kolpatzeagatik sortutako iskanbilara heltzeko, ehunen bat metro egin behar izan zituen oinez. Talka egindakoen parean matraka itzela zegoen, eta gidarietako bata lurrean zegoen besteak eman zizkion ukabilkadengatik; begi bata nabarmen ubeltzen ari zitzaion. Anbulantzia, zirena hotsa zeriola, alderantzizko norabidetik ziztu bizian hurbiltzen ikusten zen. Ez zegoen oraindik udaltzainen arrastorik. - Ea, zer dago hemen? - arnasestuka, eskuak gora eramanda, komisarioak galdetu zuen. - Honek - gorantz begiratuz eta gidarietako bata adieraziz - berotu duela hemengo hau! - borrokan ibilitakoak banantzen ahalegindu zenetako batek lurrean zegoena sorosten zebilela erantzun zion. - Ea, hi, hik berotu duk? - Bai. Une hartantxe lurrean zegoen jipoitua biziki altxatu zen, eta bestearen kontra bortizki egiten zuela, oldartzaileak orkatilan gordeta zuen pistola atera eta tiro egin zion, eztandarekin batera bertan pilatutako jendea beldurturik automobilen artean ezkutatzera bultzatuz. Lurrean egondakoa oraingoan zerraldo geratu zen etzanda betiko. Bat-batean gertatu zen. Agerraldi penagarriaren ondorioz, gorpuaren paparretik sortutako odol jarioak asfaltoan orban gorrixka luzarorako itsatsita uzteko gogoa ekarri zuen, nahiz eta aldi berean etorriko zen autoen joan-etorri azkarraren ondorioz bistara inolako aztarnarik utzi gabe betiko ahantzia geratuko zen. Egoera menpean izateko hitzak jaurtitzen hasi zen memento berean, komisarioak poltsikotik espraia atera zuen, tiro egin berri zuenari aerosolaren likido mingarria aurpegira botatzeko. Agindutako seinalea ohar bezala har zezan izan zen, susmatzen zitzaizkion intentzioetan aurrera jarrai ez zezan edo. - Baina, zer demontre! Burdina lurrera eta eskuak gora! botatako hitzetan inolako zalantza izpirik agertzen ez zuela, Haakonssonek ernegatuta manatu zion. Tiro egin zuen gidaria ez zen kikildu. Nortasun handia izaten dutenek bezala hitz egin zuenean nabarmen igarri zitzaion bere burua bazuela zerbaitzat: “Lasai, lasai!” - zioen, mugimendu leunarekin pistola lurrean uzten zuela, era horretan nolabaiteko mendekotasuna agertu nahian edo. Gero, berriro ere astiro-astiro, eskua jakaren barneko ezker poltsikoan sartu zuen bertatik diru zorroa ateratzeko, eta eskuak gora eramanez militar agiria erakutsi zion, bere harrotasun itzela erakusleiho batean jartzekoa izango balitz bezala. - Papaokeria gutxiago, gero! - Zer? - Emazkidak agiriok! Eskumuturretan eskuburdinak jarri ondoren inspektorearen automobilerantz zuzendu ziren biak, bata aurretik eta bestea atzetik, jakina izanik Haakonsson inspektorea bigarren joan zela marmarka, odola berotuta. - Batekin gutxi eta birekin lar - zioen, boz gora- . Honelakorik, eta neure aurrean gainera! Bide osoan ez dizut hitz bat ere entzuterik nahi, entzun? - hiltzaileari agindu zion, atzealdean eserarazten zuela, autora sartzerakoan xasisaren kontra jo ez zezan eskua babes gisa haren buruan jarri gabe. Autoa martxan ipini zuen. Ez zuen denbora galtzerik nahi izan. Horretarako sirena martxan jarri bazuen ere, batzuetan bazterbidera, besteetan eskuin bidetik ezkerrera eginez mugimendu nekagarrietan ibili behar zuen zeuden lekutik irtetea lortzeko. Mollergata kalera heldu zirenean nekatuta eta leher eginda zegoen. Beti joaten zen tabernara joan nahi zuen etenaldia egitera. Bulego aurreko plaza inguruan autoa utzi ostean, zain zituen bere menpeko bik hartu zuten atzealdekoaren ardura. - Eraman alproja hau ziegara!, - azkenean gainetik zama astuna kentzen denean sentitzen den lasaitasuna gorputz osoan igarriz agindu zien. - Bai, jauna, oraintxe bertan gainera! Tarte labur batez jendartean sartu behar izan zuen kafea edatera joateko; horren premia zuen, biena, kafearena eta jende artean galtzearena. Kalean zeuden zuhaixkak udaberriko jantzi berria egiten zebiltzan, espaloiari bere baitako nortasun bereizgarria hedatzeko. Haakonsson inspektorea ez zen konturatu, horrelako kontu guztiak dekorazioari zegozkion gauzak zirela uste baitzuen. Berdin zitzaion arbolak loretan egotea, alkandorak lepo aldean sitsa izanaren oroitzapenak izatea zein baserriko zutabeak pipiak janda egotea. Baserritik gauza bat bakarrik hartzen zuen aintzat: oiloen arrautzak. Goizeko sei eta erdiak aldera, mendi aldean zuen baserriko bere oiloen arrautza pare bat oliba oliotan frijituta jatea zoramenera iristen den gozamena egiten zitzaion. Arbolak, loreak, baserriak, zutabeak, pipiak, alkandorak, sitsak eta bestelakoak, berarentzat apaingarri legez erabiltzen diren koadroen antzerakoak ziren, bederen bere lanerako beharrezko ez baziren. Beharrezkoa bazuen bai, orduan bai, orduan kontuan izaten zituen; orduan bakarrik, gehienetan obsesiboki gainera. Jendetza artetik mutikoa amari eskutik helduta nabarmentzen zen kalean gora zihoazela. Noizean behin karrikako erakusleihoak begiratzen zituen, besteetan bidetik batera eta bestera azkar zebiltzan automobilak, eta gainerakoetan, inori erreparatu barik, bere kontuetan bueltaka zebilen. Halako batean, erakusleiho anitz deigarriaren aurretik igarotzean amari esan zion: - Ama, begira! Amak, semearen hitzei behar besteko kasua eginez, erantzun zion: - Bai, laztana, bihar sartuko gara, orain berandu gabiltza eta. - Ziur, ama? - Bihar ikusiko dugu hori, maitea. Mutikoak eskutik indarrez tira egin zion, gelditzeko eskaria argi ulerraraziz, nolabait amak emandako erantzunak ez baitzion jakin-mina asetzeko beste balio izan. - Goazen ba, laztana, presaka gabiltza- eta! Ezin gara gelditu! Bihar etorriko gara goizago, eta hor barruan dauden gauza guztiak ikusiko ditugu! Den-denak! Nekatu arte egongo gara! - Bai, ama, denak? - Bai, laztana, den-denak ikusiko ditugu! - amak semetxoa konbentzitzeko ahaleginean erantzungo zion. Haakonssonek Mariboes gate karrika zeharkatu zuen Aker jatetxean sartzeko. Hamabiak inguru izango ziren, zeren oraindik barruan ez zegoen jende askorik. Gazteak, zuen maingutasunagatik elbarria zenak, egin zion arreta. –Betikoa? - galdetu zion. - Bai, Aksel, betikoa –ahopean bota zion esaldia, indarrik gabe geldituta egongo balitz bezala-edo. Ebakia, azukrerik gabe, kolpean edango zuen, Cowboyek whiskia nola, berak hala. Gero, nolabait bizitasuna arean berreskuratuta, beste ezeri kasurik egin gabe, eta aurrean zuen egunkariko orria zuri ikusiko balu legez, bat-batean, begietara leunki begiratuta eta txaramel aurpegia ipinita, zerbitzariari betiko galdera egin zion: - Hi, Aksel, aspaldian txabilan egin duk, ala? - Zer danik bere ez! –zerbitzariak antzinatik zekien kontua, eta beti jarraitzen zion jokoa. Nolabait eroso egiten zitzaien beste ezer interesgarriagorik esateko izaten ez zutenean kontu horri ekitea- . Eta hik? - Zertxobait bai. Bart ibili nauk zertxobaitetan! - Hi bai hi! Bizkor habil hi! - Mihiari bueltak eman. Hi, neuri ere gustatzen zaidak mihiari bueltak ematea. Zer pentsatzen duk, ba! - burua berriro egunkariko hitzetara jaitsi zuen, eta jarraian botako zuen: - Badakik, berriketan! - Beltzarekin ibili haiz, ala? - Hi, Daia itzelezko emakumea duk gero! Ea! tira! beste ebaki bat hona. Behingoan, berriro sena etorri izan balitzaio bezala, egunkariaren orriak arin pasatzen hasi zen, nolabait adimen fotografikoaren erako begiradarekin. Ematen zuen berri deigarriren baten bila zebilela, eta, ustekabean, beste behin ere, hamaikagarrenez, bere baitako hausnarketan sartu zen. bi Parisen ordu pare bateko geldialdia egin ondoren, Nora Williams arrats umel eta hotzean heldu zen Ullensakerrera, hiriburutik berrogei bat kilometrora dagoen Oslo-Lufthavn aireportura. Jesarlekuko leihatilatik, oraindik bazkal osteko lehen orduetan, giroa iluna ikusten zen. Hainbesteko argitasun gabezia sumatzeak ingurua berezi ikusarazten zion, deseroso, arrotza sentitzeraino. Gazteak horretara ohituta egon beharko luke, ezen haren herrialdean ia lau urtaroak txapelez jantzita ibiltzeak grisa pintatzen baitu oro. Hala ere, hangoa ez zen Noraren hirian izaten den antzekoa; ez zen kolorearen tonuaren kontua, gogorragoa edo leunagoa, arinagoa edo astunagoa, ingurunea eguzkia jelatzen balego legez sumatzekoa baizik, indarge geratzerainokoa. Nolanahi ere, egunak etorri eta joan ahala, normaltasuna bereganatuko zuelako esperoan zegoen, neguko arratsean gure baserriko ganbara iluna zirudien udaberriko lehenengo asteko igandean. Jesarlekutik zutitzeko ahaleginean, nekez egin zezakeen aurrera; zelan edo halan arrazoimenak huts egin izan balio legez zegoen. Zutik, hegazkineko erdiko pasabidean, ez aurrera ez atzera, gibeletik zetozkion andrazko adinduaren hitzek esnatu zuten erdi lotan bezala zeukan garuna, astun, maleta hartzeko igaro beharreko atea oraindik urrutiegi egongo zen tabernaren batekoa zela irudikatzen zuela, garagardoa fresko. - Hey, don’t you have any intention of moving? – adorea berreskuratzeko bezala etorri zitzaizkion ingeles ikasi berriaren hitzak eta, aldi berean “Sorry” hizkera berberean barkamenak eskatu ondoren, beherantz begiratzen zuela, aurrean zituen beste pasaiariei jarraikiz, instintiboki egin zuen sabai garaiko areto handira. Edozein aireportutan aurkitu daitekeen horietakoa zen, besteengandik desberdintzen ez zena, nolabait inolako pertsonalitaterik gabe frankiziaren batek egina bezalakoa. Bueltaka zebilkion mandatu hartu berria; haraino joatearen zergatia. Xehetasunen bat bazuen ere, datu kopuru dezente ez izateak sortzen dituen zalantzak batetik bestera zebilzkion, eta horrek, jakina, itsasertza non zegoen ikustea denboran luze galarazi zion, berak espero zezakeen baino harago. Ez zekien kontuari nondik heldu beharko zion. Hasiera gisa, soilik zuen eraildako emakumea jatorriz eta etorkiz nongoa izan zen, eta Osloko egunkarietan agertutako artikulutxoren batekoa, ez besterik. “Halabeharrez horixe izaten da gure lanbideak izaten duen erronka”, pentsatukzuen. Horixe bera zen, zirudienez, neskaren patua. Hala ere, argi zeukan patuaren aurrean ez zuela amore emango. Arbasoengandik ondo ikasia zuen. Odolean zeraman. Aita eta amaren aurrean, gogoratzen zuen zin egina zuela behin, bere etorria berak soraraziko zuela. Bidea hasteko izan zenean, erredakzioan bi gauza soilik eman zizkioten. Bata, hiriburuko hotel batean lehenengo gaua igarotzeko erreserba, eta, bestea, mugikorrean zeukana, bertako emakume baten erretratuan idatzitako haren izena eta telefono zenbakia. Hark lagunduko omen zion bertako ateak zabaltzen, hangoen tratuan nolabait esateko. Uhal garraiatzailea bueltaka hasi zen, etenik gabe maletak bistara ekartzen zituela. Berea noiz agertuko aldika begiratu ahala, beste behin mugikorra zabaldu zuen erretratua begiratzeko. Adimenean betiko gordetzea nahiko zuen, finean, hangoa ikustean zalantzarik gabe bera zela jakiteko beste. Argazkiko andrazkoa, hogeita sei urte inguruko ile horailduna, bera baino are gazteagoa zen, edo ez; argazki batetik adina asmatzea zaila egin zitzaion, baina hor nonbait. Aurpegiera begiratuta gorputzez argala izango zela ematen zuen, eta bizkorra. Begiradan nabarmentzen zitzaion burubide oneko emakumea izango zela; sen berezia duten horietakoa. Horrek poztu zuen, nolabait hori baitzen pertsonengan bilatzen zuena. “Bestea, gorpuzkera baino ez da izaten; itxura; urte gutxi irauten duen itxura aldakorra”, - gomutara etorri zitzaion inolako ahaleginik egin gabe. Norak ez zekien norvegierarik. Lau hizkuntza zekizkien: geurea, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Pentsatzen ari zen horrek zailtasunak ekarriko zizkiola, baina, egia esan, neskarena hasierako lotsa baino ez zen izango, ezen, beste era batera etorriko zitzaizkion kontuak, gerora ingelesez oso ondo moldatuko zen eta. Maleta hartu ondoren aireportu barneko espazio zabalera atera zen, eta, kanpo alderantz taxi bat hartzera zihoala, sakelako telefonoa dardarka hasi zitzaion. Betaurrekoak jartzeko beta barik erantzun zuen, pantailan agertzen zitzaionari kasu egin gabe, edo, akaso bazitekeen, munduan barreneko abentura berriari eskuak zabal-zabalik agertu nahi izatea; horixe izango zen seguruenik, bizipen berriak bizitzeko grina; halabeharrez beste kultura batean murgiltzeko irritsak sortzen zion jarrera. - Bai? - erantzunean, euskal hitza, senezko erreakzio bezala atera zitzaion, premiazko kontua izango balitz legez, beste nazio batean izango zuen aurreneko esperientzia lehen baino lehen hastearren. - Nora? - bere izena norvegiar kutsua zuen doinu bitxian aditu zuen. Kuriosoa egin zitzaion bestearen ahotik sortutako musika berezia, nolabait erakargarria, telefonoaren bestaldekoa ezagutzeko grina ematen ziona. “Nola zitekeen pertsona batek hizkera arrotzari eman diezaiokeen doinuak hainbeste erakartzea?”, artean bere izena soilik entzunda pentsatuko zuen. “Ziur hizkerak arrimu oso femeninoa duela”, –gomuta gozoa etorri zitzaion. - Yes! - bihotzeko taupadak biziki bizkortu zitzaizkiola antzemanez erantzun zuen; taup- taup- taup, aditzen zituen kolpeak. - Nora Williams? - Yes, that’s me. - I am Bihon, Bihon Dahl. - Hello! How are you, Bihon?, - galdetu zion, agurra egiterakoan esamolde klasikoa erabiliz. Esan zezakeen bestelakorik, “Kaixo, Bihon” edo “Aupa, Bihon” edo horrelakoren bat, baina ez, klasikoa erabili nahi izan zuen. Zaila da jakitea Norak zergatik nahi izan zuen agurra era horretan hastea, jakinez molde horrek urruntasuna ematen duela, ezezagutua, ezezagunen arteko errespetu trataera. Besteak, aldiz, hurbiltasuna, lagunen artean erabiltzekoa, gaztetasuna. - Have you arrived, Nora? - Yes. Ullensakerren nago, Oslo-Lufthavn aireportuan, - erantzun zion, nolabait harekin egoteko irrikak odolaren hozberoa gorantz bultzatzen ziola. Hala ere, itxura zaindu nahi zuen. Ez zituen bere sentimenduak agerian uztea nahi izango. Hotz agertu nahi zuen, desiraren objektu ilunean jausteko arriskua urrun eramanda. - Ni ere bai, baina ez zaitut ikusten! - Maleta hartu berri dut eta taxia hartzera nindoan. - Ez, ez, egon! Motoz etorri naiz zure bila, maleta handiegia ez badakarzu behintzat. Egon, ia ikusten zaitudan. Zelan zatoz jantzita? - Bakero grisak, kamiseta arrosa eta kirol-jertse urdinxka iluna, zuriz arapahoe andrazkoaren aurpegia duena. - A, bai, bai, zu izango zara. Egon geldi. Neu hurbilduko natzaizu. Denborak ez zuen tarterik izan; bat-batean gertatuko balitz legez heldu zen. Agurra gibeletik heltzen zitzaion heinean, eskua sorbaldan nabaritu zuen. Bueltatu zen azkar. - Aupa, Nora - Bihonen ahotsa lehen aldiz aditu zuen zuzenean. Kortesia modura musu pare bat izan zen. Zer nahi gisaz, ohizko esaldiak era arruntean etorri ziren- . Zelan hegaldia? - galdetu zion distira berezia zuten begi argiekin. Gure haitzen kolorekoak zituen, apartak; konfiantza eta segurtasuna ematen duten horietakoak; han ere badira gureak bezalakoak. Andrazkoa Norak irudikatu bezalakoa zen; garaiera antzerakoa, begi kolpe batean bizkortasuna antzematen zitzaiona, zentzuduna eta azkarra. Nortasuna janzkeran ere nabarmentzen zitzaion, ezen kolore eta gustu onarekin ipinitako arropa xumeak biltzen baitzuten haren koipe bako argaltasuna. Ingurukoei begiratuz, jendetza oro har, besteengandik ez zen gailentzen, ez eta nabarmentzen ere. Horrek egiten zuen berezi; apaltasunak. - Zer plan duzu, Nora?, - itaundu zion hutsuneari tarterik eman gabe. Bihonek esaldiak azkar albaintzen zituen, Norari apenas denbora emanez elkarrizketa jarraitzeko. - Ez dakit ba. Gaurko gaua igarotzeko hotelean erreserba daukat, eta bihartik aurrera zerbait bilatu beharko dut; akaso zerbait merkeagoa. - Nahi baduzu, etorri nire etxera - ematen zuen Bihon ez zela denbora galtzen ibiltzen diren horietakoa. Itxuraz behintzat ez zen izango nekatu arte berriketan ibiltzen denetakoa. Berehala jotzen zuen harira. - Baduzu lekurik, ala? - Bai, gela bat daukat libre. - Eta zure bikotekideak zer esango du? - Ezer ere ez, duela hilabete eskas eten dugu. Ordutik hona bakarrik bizi naiz. Moldatuko gara, egon lasai. - Eta trukean zer eman beharko dizut? Munduaren oreka galdu ez dadin, zenbat aterako zait? - Egun batzuetarako bakarrik zatoz, ezta? Ba, ezer ere ez. Etxea neurea da. Eta beste era batera izanda ere, berdin. Ezer ere ez. - Ez da plan txarra. Horrela hobeto ibiliko naiz, kobratu ere, ez dugu lar kobratzen eta. - Zenbat egunerako zatoz? - Egia esan, oraindik ez dakit. Astebeterekin nahiko izan beharko nuke. Maletatxo honetan dakardan arropak horretarako emango dit, ez gehiagorako. Dena den horri buruz hitz egingo dugu lasaiago. - Jarraian nahi duzu etxera joatea? Handik baliogabetu dezakezu erreserba. - Ondo iruditzen zait, baina lehenengo kafetegira kafea behar dut eta. Indarrik gabe bezala nago. - Oso ondo, nik ere nahi dut kafea edatea. Goazen! - Non dago hemengo kafetegia? - Ez dakit, sekula ez naiz bertan egon. Goazen, ez da zaila izango aurkitzea. - Aizu, Bihon! - Zer? - Iñakik zure telefono zenbakia eman zidanean, ez nion ezer galdetu, baina jakin daiteke nondik ezagutzen duzun, edo? - Bai, nola ez. - Nondik? - Erasmus masterra egin nuen Donostian. - Zer diozu! - Bai, han ibili nintzen lau hilabetez. - Oroitzapen gozoak. - Oso ondo ibili nintzen. Oso gustura handik. - Pozten naiz. - Eta zuk, Nora, zein ikasketa egin duzu? - Kazetaritza. - Non? - Bilbon. - Kostatu zitzaizun lana aurkitzea? - Senperrenak eta bi. - Txarto daude kontuak han? - Bai, oso txarto. Hemen zelan? - Orokorrean eta beste lurralde batzuen aldean, nahiko ondo esango nuke. Dena den, ekarri diguten honek holokausto kanibala ematen du. Bazter guztiak utzi dizkigu hondatuta. - Kapitala langileen kontrako gerran, ezta? - Bai, eta langileok honako honetan behintzat galdu egin dugu. Elkartasunarekin soilik eutsiko diogu, bestela gorriak eta bi ikusiko ditugu, denok e! Lehentxeago edo geroxeago denok, e! - Barkatu, Bihon, komunera joan behar dut. - Bai, gero ni joango naiz. - Ok. Nora bueltatu zenean, Bihon whatsappen gora eta behera zebilen mezuak irakurtzen. Bihonek komunerako bidea hartu zuenean Norak gauza bera egin zuen. Hegaldi onaren ostean jada Oslon zegoela esanez amari bidali zion mezua, eta baita kafetegian zegoela Bihonekin ere. Bueltatu zen norvegiarra. - Eta Iñaki Donostian ezagutu zenuen? - Bai, baina ez unibertsitatean. - Nola, jakin daiteke? - Ba, unibertsitateko lagun batzuen laguna zen, eta ostiral bateko jai kontua izan zen. - Jai kontuak? - Bai, alde zaharrean, ostiral baten gauez, garagardoak eta, badakizu, pozik. - Donostiako alde zaharra paregabea, ezta? - E!, eta Bilbokoa zer? - Ni hangoa naiz, zer esatea nahi duzu ba, “gorenera eramateko zerbait ez bada!” - Ni ere ibilia naiz han. - Bilbon? - Bai. Asteburu pare batean edo izango nintzen. - Iñakirekin? - Bai, berak gonbidatu ninduen eta han ere oso ondo. - Non ez ote zara egon zu? - Izango dugu denbora horri guztiari birpasa egiteko. - Niri ere gustatzen zaizkit horrelako birpasak. - Bagoaz? –Bihonek, irribarrea ahoan zuela. - Goazen! - Ibili zara inoiz motoz? - Ez, nire lehen esperientzia izango da. - Hartu eta ipini kaskoa, igotzen zarenean estutu belaunak nire izterren kontra, eta heldu eskuekin nire gerria bizkarrera itsasteko. Kontu izan buruarekin, erreza izaten da-eta kasko biek elkar jotzea. Kolpetxo horiek ez dira gozoak izaten. - Eta maleta? - Oraintxe lotuko dugu atzean. Handik aurrera, Bihonen etxerako bidea, Norari turismoa egitea bezala iruditu zitzaion. Eraikin edo inguru bitxiren baten aurretik igarotzean, hangoak azalpen laburrak eman zizkion, eta heldu berri zenarentzat bizipena gozamen fresko bihurtzen hasi zen. Konturatu orduko, alde zaharreko Bihonen bizileku ondora heldu ziren. Bat-batean, inor jabetu baino lehen, gaua hotzaren eskutik etorri zen; hotzago oraindik, esaterik bada. Motoa utzitako lekutik apenas ehun metrora zegoen etxea. Karrikako atea berde ilunez margotutako antzinako ate zahar bat zen, egurrezkoa, lehenago egiten zituzten horietakoa, sendoa, gogorra, bizitza bi irauten dutenetakoa. Ezkilara estu batek elkartzen zituen bi ateak, behekoa eta goikoa. Apenas argirik ematen zuten bonbillak zeuden eskailera-buruetan, nolabait eskua barandari emateko gonbita egitera bezala, eta, horrek, gora zein behera joaterakoan, kontuz ibiltzea eskatzen zuen, estropezu egin eta muturrak bertan ez uzteko. Bizilekura sartu zirenean, sarrera eta egongela egiten zuen espazioan, besteak beste sofa bat zegoen, eta bertan utzi zituzten motxila, maleta eta beste enparauak, zuzenean sukaldera joateko. - Mizkea zara jatorduetan? –Bihonek buruan zeukan afaria prestatzeko ezinbesteko galdera bota zion. - Akaso zapore gogorregiekin soilik, ezpabere ez. - Entsalada sardinazarrekin, fruitu lehorrak, eta hirugihar zatitxoak zartaginean erretzen baditugu eta gainetik botatzen badizkiogu? - Bihonek etxandrearen paperean eroso sartuta badaezpada ere galdetu zion. Norarekin egiten zuen lehen otordua zen, eta, berari gertatu zitzaiolako zekien, besteak beste, horiexetara izaten dela zailena moldatzea. - Oso ondo. Aizu, Bihon, gazta zati bat ekarri dut gure Haritz Zaharraren Lurraldetik. Nahi duzu probatu? - Oraintxe bertan gainera! Aizu, Nora, Iñakik deitu zidanean ez zidan ezertxo ere esan, etorriko zinela soilik. Isileko kontuekin zabiltzate ala jakin daitekeena da? - Beno, badakizu lanbide honetan ezer argitaratu arte nolabaiteko diskrezioa izan behar dela. Lehia itzela dago gure artean, eta egiten zabiltzana edozeinek zapuztu diezazuke. Horrela gabiltza beti. Baina zuri kontatuko dizut, ezen hemengoa izanda, baliteke zure laguntza estimagarria izatea. Gauza gutxi dakit oraingoz. Emakume bat hilik agertu dela gerrate nagusiko geratzen den lubaki arrastoetako baten ondoan, hemen, Oslon; horixe bakarrik. Badakit hildakoa afrikar emakumea dela, eta beste ezer gutxi. - A, bai, gogoratzen dut. - Badakizu lubaki hori non dagoen? - Bai, zelan ez dut jakingo ba! - Urruti dago? - Beno, motoz joateko, ez dakit ba, hogei minutu- edo. - Astirik hara joateko? - Nola ez! Motoz ez bada, autoz joango gara! - Oso ondo, estimatzen dizut. Dokumentatzeko nahi nuke erretraturen bat edo beste ateratzea. - Izango dugu denbora. - Bai. - Lehengora joanda, zu hona bidaltzeak badauka zerikusirik zu ere afrikarra izatearekin? Gazta hau primerakoa da gero! - Bai oso gozo dago. - Honelakoak egiten dituzue han, e! - Eta hobeak! - Lau hilabete eman nituen Donostian, eta ez nuen gazta probatu, a zer hutsa egin nuen! Zer esateko zinen, Nora? - A, bai. Ba, ni ez naizela afrikarra!, Abrisketa dut bigarren abizena. Ni ez naiz Afrikan jaioa, Euskal Herrian baino. - Bilbon? - Ez, Erandion. - Baina hemendik begiratuta! - Beno, hemendik begiratuta dena Bilbao dela ematen du, ezta? - Bai ba! - Bilbo da guretzat. - Bai, banekien. - Denaren ardura hartuta zaude, gero! - Ez pentsa! - Hala iruditzen zait. - Aizu, Nora! - Zer? - Afrikarra izateko, Williams abizena nola datorkizue? - Historiara jo behar. - Ea. - Laburtu beharko dut. - Ea ba. - Hara, gure lurraldera, 1850. urte ingurutik, misiolariak eta europar esploratzaileak sartzen hasiko ziren, baina mende horren amaiera arte ez zuten menpean hartzea lortuko. Alemanak izan ziren indar armatuaren bidez bereganatu zutenak, eta gerora belgikarrak. Horregatik han mundu guztiak daki frantsesa. Gauzak hala, erraza da ulertzea abizena zelan datorkigun. - Gaur egungo mundua horrela gabiltza egiten. - Antzinatik dator hori. - Bai ba, barbaroak hemendik, erromatarrak Europa osoan, XI, XII eta XIII. mendeetan gurutzadak Jerusalemdik, gerora anglosaxoiak, frantsesak eta espainolak Ameriketatik, batetik bestera mundu guztia ondo armatuta zebilen. - Eta dena interes berdinarekin. - Dirua. - Bai ba! - Zuen aita nahi izan zuelako joan zen Euskal Herrira? - Bai, zera! Gure aitak Afrikatik, Burunditik alde egin behar izan zuen, beste askok bezala jakina, bestela orduantxe bertan hil egingo zuten. Berak dioenaren arabera, euren bila joan zirenean, ozta- ozta atera ahal izan zuen bizirik. Gure aitaren familia tutsia da, herrialdean gutxiengoa dena, nahiz eta berrehun urtetik gora izan ziren gobernuan, alemanekin lehenengo, eta gero belgikarrak egon zirenean. Hala ere, hori urruti geratzen da. Gure aitak-eta, alde egin behar izan zuten sasoian, gehiengoa ziren hutu-ak tutsi guztiak hiltzen hasi ziren. Genozidio bortitza izan zen, basatia. Horregatik, hainbat eta hainbatek alde egin behar izan zuen. Gorabehera askoren ondoren, Euskal Herrira heldu eta, denbora gutxiren buruan, gure amarekin ezkondu zen. Handik urtebetera-edo jaioko nintzen ni, duela hogeita bost urte. - Hara! Adin berekoak gara eta! - Zuk ere hogeita bost? - Bai ba! - Noizkoa zara? - Abuztuaren hogeita zortzikoa. Eta zu? - Apirilaren hogeita bederatzikoa. - Laster! - Bai. - Lehengora joanda. - Zer? - Tutsien ondorengoa zara, beraz? - A! Bai, aitaren aldetik tribu buru bateko senidea, amaren aldetik, aldiz, euskalduna. - Badakizu euskaraz? - Bai, nola ez! Han bizi garen berrogei urte baino gutxiago daukagun guztiok dakigu, etorkinak aparte. Beno, den-denek ez, baina gehiengo osoak eskolatan euskara ikasi dugu. Hitz egitea beste kontu bat da, baina jakin, esan dizudana. - Guk ez dugu hemen zuok izan duzuen arazoa. - Izan duguna diozu? Daukaguna esango nuke! - Beno, betikoa, nagusiak txikia jatea nahi. - Horixe da betiko gerra kulturala. Eta badaude batzuk oraindik esaten dutenak, ez zaiela gustatzen behartuta euskara ikasi beharra. Noski, horrela besteok gaude behartuta ez dakienarekin komunikatzea nahi badugu, kontxo! Derrigortasuna besteok, bakan horiek ez, horiek bai direla faxista kulturalak. - Beste kontu batera joanda, zeren berotzen ari zarela ikusten baitut! - Ez naiz berotuko, ba! Kontu berbera aitaren herrialdean, eta kontu berbera amarenean, gure herrialdean, kontxo! - Aizu, Nora, kontua aldatuz... - Zer? - Eta, hildakoarekin baduzu nolabaiteko odoleko ahaidetasunik? - Itsu nago. Ez dakit ezer, ez baitakit nor den ere, ez eta Afrikako zein herrialdetakoa den ere. Nola egongo da senidetasunik ba! Ezinezkoa litzateke. Badakizu Afrika zein handia den? - Baduzu nondik ibili. - Bai. - Badakizu nondik hasi? - Egunkarietatik eta Internetetik. Hortik aurrera kasuaren ardura duen inspektorearekin egon nahiko nuke. Zaila izango da, baina. Ikusi behar. - Horretan, beharbada, lagun zaitzaket. Beharbada bakarrik diot. - Zelan, ba? - Oraintsu arte nire bikotekidea izan dena epaile baten alaba da. Beharbada hortik ere saiatu zaitezke. - Egingo zenuke hori nigatik? - Zelan ez, ba! ondo amaitu dugu. Lagun onak gara. Noizbehinka geratzen gara, naiz eta gure arteko maitasunak alde egin duen. Beno, lagun onak, ez dakit, ondo ezagutu dudanetik distantzia ipintzen nabil. - Zein gozo dagoen ogi hau. - Eguerdian egin dut. - Hemen, etxean? - Bai. Flabröd deitzen da, norvegiar ogi laua. - Primeran dago. Ez dauka legamiarik, ezta? - Ez, horregatik ez da harrotzen, laua da. - Aizu, Nora, bihar oso egun gogorra daukat, eta ez naiz berandu arte etxera helduko. Eguerdiko ordu biak arte unibertsitatean eskolak ditut, gero amaren etxean bazkalduko dut eta arratsaldeko bostetan lurra jotzen ikasten nabil. - Lurra? Zer da lurra? - Lurra, tronpa itxurako hemengo antigoaleko musika jotzeko tresna bat. Ez dauka zulorik hatzetarako. - Gure adarra bezalakoa? - Itxuraz; hala ere, lurra metalezkoa da. Gero, sei eta erdietan bi ilobei eskola eman behar diet, eta gurasoen etxean afalduta etorriko naiz. - Ondo. - Beraz, gauean helduko naiz, bederatziak aldera-edo, afalduta. Zure kontura dena. Begiratu hozkailuan eta jaki-tokian zer dagoen eta hartu behar duzun guztia, lasaitasun osoz gainera. - Ondo. Mila esker. Unibertsitatera zoazela esan duzu? Eskolak ematen dituzu? Irakaslea zara, ala? - Bai, aurtengoa bigarren urtea. - Zer ematen duzu? - Giza antropologia, lehenengo urtekoekin. - Eta? - Oso ondo; gainera, aurten, iazkoaren aldean, ordutegi hobea daukat. Oso gustura nabil. - Zurea zer da: bokazionala ala estomakala? - Oraindik bokazioa, biziki gustatzen zait irakaskuntza. Aurrerago ikusi behar, beharbada bigarrena bihur daiteke. Irakaskuntzan erretzea oso erraza izaten da, batez ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Hala ere oraindik urruti ikusten dut. Dena den, argibide gisa esango dizut, hemen urruti eta hurbil hitzen arteko distantzia, batzuetan bederen, ez dela hainbestekoa izaten. Kontuak zelan datozen ikustea izaten da aintzat hartu beharrekoa. Bestea ustean soilik geratzen da, eta usteak, badakizu, beti izaten ohi du osoaren erdia ustel. - Gurean ere horrela esaten da. Lehen mokaduarekin, sardinazarrak lehor eta gazi, Noraren aho gaztera lehen aldiko bidea egiteko saiakeran zirela ezeroso, isilunea egin zen. Ez zen izan isiltasun gogaikarria, sarritan, berbetan luze egon ondorengo etena baizik. Zazpi balkoiak portu aldera zeuden itsasoari begira, abentura grinaz blai, Zilar bideari txanda eskatuz bezala, berrogeita hamar metrotan egokituta. Sarrerak egongela zabaltzen zuen mendebaldean bi gela ipintzeko, eta ekialdera, pasabide laburraren aurrean, sukaldea, eta alboan komuna. Denbora gehien ematen den aldean, ezkerretara zegoen mahai txikitxo baten gainean, eta eskuinean, balkoietara ematen zuen aldean zegoen idazmahaian, bi txarro handitan ipinitako zenbait belar sorta lehorrei esker, usain oso atseginaren jarioa harrotzen zen airera, besteen artetik jasmina gailentzen zela. Kanpotik, ingurua blaituz, aldian-aldian kresalak zeta mihise puskatuaren igurtzia zekarren, olatu sakonen gainean hamaika bizipen nahigabek zaildutako jende gogorraren lurraldea zela ohartaraziz. Behean, bertako eta kanpotar jende anitzen oinezkoen ibilian, pakistandarra nabarmentzen zen, bere dendatxoaren aurrean geldi, besoak gurutzatuta; bezeroren bat noiz agertuko zain egoten zen. Beste gauza askoren artean, munduko bandera desberdinak zituen salgai, pitean-pitean eskuarekin goitik behera laztantzen zituenak, bakoitzari bere lekua egokituz bezala. Ondoan unisex arropa denda. Gero, tabernak zetozen, eta bi liburu-denda, bata bestearen aurrez aurre. Aurrerago, jaki saltoki bat, eta, haren aitzinean, erakusleiho kuriosoa zuen zuloan, bizitza nekez aurrera ateratzen zuen okina. Irin eta ogi usaina zerion lokalaren alboan Internet lekutxoaren atea oraindik zabalik zegoen, non hegoamerikar batzuk eurenekin harremanetan jartzeko barruan lekua libre noiz geratuko itxaroten zeuden atarian bilduta. Gauaren leihotik kanpora, laino zarratua dena estaltzeko asmoarekin zetorren, azala kizkurtzerainoko hotza lagun. Barruan, lagun egin berri biren arteko solasak animotsu jarraitzen zuen, elkar ezagutzeko lasaitasunezko konfiantzan. Oraindik urruti sumatzen zen ezkutuko sekretuak ekarriko zuen oihartzuna, baina etorri, etorriko zen halabeharrez; begiratu batean hori ikusten zen bederen. hiru Bulegoan beti bezala egiten zuen denborak aurrera; patxadaz. Ez zen ikusten ezertarako presarik zegoenik; dena delakoa derrigor bost minutu beranduago egitea eurenganatuta izango balute bezala zebiltzan, nolabait. Bertaratu bezain laster, Haakonsson salaketa gelara sartu zen, eta bertakoei galdetu zien: - Bada inor desagertu den salaketarik? Ezetz erantzun zioten. - Ekarri atzo arratsaldetik hona jasotako salaketa guztien txostena. Edozein huskeria izanda ere, sartu txostenean. Dena behar dut. - Oraintxe, Ebbe, berehala prestatuko dugu eta eramango dizugu. - Ez itxaron hamar minutu gero! - Ezetz ba! - Bon. Jarraian bost ate aurrerago zegoen bere langelara egin zuen. Pasabidean, “oraindik goizegi da” pentsatuz joan zen, eta hausnartuz bezala etorri zitzaizkion ondorengo baieztapenak: “Laster igarriko du haren falta norbaitek. Itxura oneko emakumea, hazpegi iharrekoa, neurrira egindako metro eta hirurogeita hamahiruko gorputza, arropa garestiz jantzia. Laster deituko du norbaitek, eta hortik hasiko gara”. Besaulkian jesarrita, ordenagailua pizteko etengailua sakatu zuenean, telefonoa zarataka jarri zen, lankide aspergarrienak une ezegokian egiten duen antzera. Erantzuteko ez zuen presarik hartuko. Besaulkian egokitzeko ipurdia batera eta bestera mugituz egingo zuen ondo zegoela iruditu zitzaion arte, eta, eskuak mahai gainera astun botaz, entzungor eginez jarraitu zuen hirugarren aldiz txirrina entzutean hartzeko, horren aurretik sekula ez baitzuen erantzuten; Zenaren kontuak izan ziren; patxada, lasaitasuna, estresaren kontrako jarrera. - Bai! - Ebbe! Dagny naiz. - Bota. - Arropetan ez diogu ezer aurkitu; dena dela, soinekoen markak apuntatu ditut, bada ezpada ere. Baserritarrarekin ere egon naiz. - Eta? - Ba, gizonak dio atzo iluntzean auto handia eta ilun antzerakoa ikusi zuela. Ez markarik, ez matrikularik, ez ezer. Ez zela ezer argi ikusten; nahiko ilun zegoela dio. Autoak ez zuela denbora askorik egin bertan, bueltatu eta alde egin zuela. - Ondo dago. Etorri bulegora. - Heltzear nago. Beste gauza bat. - Zer? - Baserria bikoitza dela, eta atze aldean gazte batzuk daramaten landa-turismo etxea dagoela. Iluntzean egoten omen dira denak. Zazpiak aldera edo bueltatuko naiz berriro. - Ondo. Etorri zatoz, ezta? - Bai, heltzear nago. - Bon. Berriro ere telefonoa joka entzun zen. Haakonssoni asperdura aurpegia antzematen zitzaion, deia ez zela garrantzitsua jakingo balu bezala-edo, eta, umore txarrez, “Nor demontre ote da orain?” ozen esan ostean, hirugarren hotsarekin erantzun zuen. - Bai! - Ebbe! - Bai. - Dei bat sartu da, automobil bat erreta aurkitu dutela salatuz. - Non? - Harrobian. - Noiz jaso duzue deia? - Oraintxe bertan. - Ekarri xehetasun guztiekin eskatu dizuedan txostenarekin batera. - Oraintxe eramango dizugu. - Ez itxaron bost minutu gero! - Ezetz ba! Nik neuk eramango dizkizut eta oraintxe bertan gainera. - Ziur? - Aizu! Batzuetan zein astuna zaren gero! - Bon. Norbaitek Haakonssonen langelako atea hiru aldiz joko zuen, eta jarraian heldulekuari eragingo zion zabaltzeko asmoz. “Aurrera inspektoreak autoritatea agertuz ozen botako zuen, zetorrenaren aurpegia soslaiez ikusten zuela. Poltsikotik militar hiltzailearen nortasun agiriak atera zituen, bata nortasunarena eta bestea armada-gorputzekoa, eta mahaiaren albo batean utziko zituen. Dagny Gulbrandsenek ate erdi irekiaren tartetik zain geratuta begiratzen zion. Noiz behinka soilik egiten zuen hori, uste baitzuen errespetua agertzeko izaten zela, nahiz eta gehienetan barrura atea jo ondoren sartzen zen. - Dagny, sartu eta eseri. Zer egiten duzu hor itxaroten? - Baimenaren zain. - Baimenaren zain? Zer lelokeria da hori! - Beno. - Berririk? - Telefonoz esan dizudana bakarrik. Baserritarrak dio auto handi eta iluna ikusi duela, ez besterik. - Monobolumena edo basokoa? - Ez du jakin zehazten. Nahiko ilun zegoela dio. - Auto bat erreta aurkitu duten deia jaso da. Oraintxe jakingo ditugu xehetasunak. Aizu, Dagny, gauza bat dabilkit bueltaka oraindik ezin dudana argitu, horretarako goizegi bada ere. - Zer da, Ebbe? - Emakumearen gorpua zergatik utzi dute hain urrun? Badu zerikusirik lubakiaren ondoan uzteak? Lubakiak berak diot. Hiri osoan geratzen den lehen gerrate handiko lubaki bakarra da, ezta? - Bai, geratzen den lubaki bakarra da. - Horregatik, zergatik han? Hain urrun? - Edo, ez hain urrun, batek daki. Ikertzekoa da, zalantzarik gabe. Baliteke, hiltzaileak, edo pluralean, mezuren bat-edo agindu nahi izatea. Baina nori? Guri? - Hortik jarraitzen badugu, ez geundeke erailketa arrunt baten aurrean, nolabait beste agertoki baten aurrean izango ginateke, ezta? - Bai, izan liteke. - Beraz, honako hau kontu handiz hartu beharrekoa litzateke, badaezpada ere, ezta? - Bat nator zurekin. - Horrela ba, adi, eta hitzik ere ez inori. - Ados. Hogei minutu behar izan zituzten harrobira heltzeko. Behin han, automobila ezer gutxi ikertzeko moduan aurkitu zuten. Kiskalita zegoen. Lehen begi-kolpean barruan ez zuten ezer ikusi, baina hori, normalean, bat-bateko begiradak ematen duen azaleko itxura baino ez da izaten. - Sakon arakatu ostean, zer dagoen ikusi beharko da. - Ebbe Haakonssonek zalantza aurpegia jarrita baieztatu zuen- . Dagny, badu matrikularik aurrean? - Ez aurrean ez atzean! - Atzekoa falta zaiola neuk ere ikusten dut. Zabaldu aurreko kapota eta begiratu ea identifikazio plaka ere eraman duten. - Ez, ez dute eraman, hemen dauka. - Ba, hartu gure autotik bihurkina eta kendu plaka; gero deitu teknikariei ea eurek zeozer gehiago aurkitzen duten. Hala ere, Haakonssonek auto kiskaliaren barrualdera sartu zuen burua, eta bolaluma erabiliz, zati erreak mugitzen hasiko zen, astiro, presarik hartu gabe, mugimendu bakoitza kontuz, leun eginez. Hautsa, plastiko urtuak, tela erreak, burdina zatitxoak, hainbat tela zati ikaztu mugitu behar izan zuen metalezko zertxobait aurkitzeko; belztuta zegoen. Paperezko mukizapi baten laguntzarekin hartu zuen eskuetan. Zertxobait garbitu zuenean, beroaren beroaz itxura arean galdutako urre gorrizko eguzki-lore txiki bat zela ikusteko beste zegoen. Jakako kanpo aldeko eskuin poltsikotik plastikozko poltsa atera zuen, eta eguzki-loretxoa barruan sartu. - Dagny, honako hau esku artean daukagun kasuarekin albainduko zenuke? - Orokorrean begiratuta, bai. - Zer da hori, orokorrean begiratzea? - Galdera batekin erantzungo dizut. - Bota. - Zenbat denbora da honelako kasu bat ez daukagula? - Nahikotxo. - Hori ba! - Ni neu ere horretan nengoen. - Albainduta datorrela ematen du. - Ea, goazen, hemen ez dugu ezer egiten eta. - Bai, hemen guk egin beharrekoa egina dago. Ea zientifikokoek zer aurkitzen duten! - Bon. Haakonsson inspektorea lantokira heldu bezain laster, mahaiaren aldamenean agiriak ikustearekin batera, militar hiltzaileaz gogoratuko zen. Ahantzia zuen, nolabait lubakiko gorpuaren kontuetan buru-belarri sartu izanak beste huskeriak alde batera uzteko joerara eroria baitzen. - Dagny zoaz ziegara eta begiratu zelan dagoen militar hiltzailea. - Nola militar hiltzailea? - Auto ilararen kontutik dator. Talka egin eta beste autokoari begia ubeldu ondoren neure aurrean tiro egin eta ez du hil ba! Eraman iezaiozu kafea, hutsa, eta kafeari bota gatza, ea hiltzen den gustu txarrarekin! - Zelan? - Horixe! - Zer demontre gertatzen da gaur, ba! Oraintxe noa. Besterik? - Bai, jakina. Gero hasi ikertzen auto kiskaliaren gorabeherak, eta gure taldera etorri berri den ikasleari eman auto kiskalia aurkitu duenaren telefonoa, eta agindu beste norbaitekin galdeketa egitera. - Horretara etorri gara hona, ezta? - Autoari kendu diozun plakatik hasi beharko zenuke, ez daukagu besterik eta. - Bai ba. - Nik militarraren txostena egiten hasi beharko dut, fiskalarekin egon, eta epailearen aurrera eraman beharko da eta. - Utzi ziegan egun pare batean ea usteltzen den. - Horixe egin beharko genuke, ezta? - Bai, horixe preseski! - Baina, Dagny, zuk sobera ere badakizu guk gauzak zuzen egiten ditugula. Penaz, baina gogoarekin soilik geratuko gara. - Bai, penaz. - Markestxo horiek eskarmentua behar dute, ezta? - Horixe ba! - Bon, oraingoz egin dezagun esandakoa, eta geroago hartuko ditugu erabakiak. - Ziegan daukazunari ez diozu galdeketa egin behar? - Zertarako? - Txostena prestatzeko. - Txostenerako ez dut behar galdeketarik. - Ez? - Ez. - Nola osatuko duzu, deskribapen soil batekin? - Jakina. - Nahikoa horrela? - Bai ba, neure aurrean gertatu da dena. - Eta sinatuko du? - Eskubide osoa dauka ez sinatzeko. - Beno, hainbat lekuko daude, ezta? - Bai; izen, abizen eta telefonoak hartu dizkiet lauri. - Lekukoei ere ez diezu galdeketarik egingo? - Oraingoz ez. - Epaileak onartuko dizu? - Baietz uste dut! - Dena den, laster ikusiko da, ezta? - Bai, gaur bertan. - Ba horrela onartzen badizu, nahikoa eta sobera daukazu. - Hori uste dut. lau Egunero bezala, goiz jaiki zen Haakonsson inspektorea. Kafeteran gelditzen zena baso batera bota zuen, eta azukrerik gabe edan ondoren, astean pare bat aldiz egiten zuen bezala bera bizi zen karrikatik lau harat zegoen saunara joan zen. Izerdi patsetan hamar bat minutu inguru eta hiru-lau luze igerian egitea nahikoa zitzaion leher eginda ez amaitzeko. Orduan, uretatik ateratzen zenean, lasaitasun itzela antzematen zitzaion, ez aurpegian bakarrik gorputz osoan baizik. Eskuoihal handi batekin buruko ileak lehortzeko hazka bezala eginez hasten zuen lehortzeko erritua, begietatik belarri zuloetara, eta besapeetatik bizkarrera, gero gorputzeko beste alde guztiak artoski erreparatuz. Hara joaten zen bakoitzean egiten zuen ondorengoa patxadaz hartzen zuen, presarik gabe; hain zuzen ere, ohikoa zitzaion kiroldegiko tabernan gosaltzea, eta, usadioak alde ona agertzen zionez, tabernako barran eskuak ipini besterik ez zuen egin behar izaten, kortesiako esaldiak botatzekoak ez baziren –kaixo, egun on, zer moduz eta horrelakoak–, halako egunetan berarentzat barruko aldean gordeta izaten zuten egunkaria aurrean izateko. Lehen bi orrialdeetako izenburuak azkar irakurtzeko apenas betarik, eta aurrera ekartzen zioten betikoa: laranja zukua, ogi txigortua, gurina eta arbeletxeko marmelada kafe hutsarekin batera. Ohikoa izaten zuen metodologia berdinari jarraitzea ere sarri ibilitako karriketatik bulegorainokoa oinez egitea, kalea batetik bestera leku beretik igarotzea, zebrabide berdinetatik lerro berdinetan txapinak urratzea, edo eta gaztetatik ezaguna zuen betiko okinari egun ona opatzea, eta, jakina, kioskoko uruguaitar emakume adinduari, irribarrea agertuz, egunkari ezkertiarra erostea. “Sasoi honetarako eguna fresko dator”, besoetako mahukak eskuarekin igurzten zituen heinean pentsatu eta jarraian kirol-jertsearen kremailera kokots alderaino igoko zuen. Blue-jeans oso gastatuak zeramatzan, kirol-jertse urdin ilun-iluna barrutik mahuka luzedun kamiseta grisarekin, eta oinetan orkatilarainoko txapinak, sasoi batean berdeak izango zirenak. Tarte pixka batera osotasunean begiratzen bazitzaion, zalantzak albo batera botata, harrapakaria harrapakinaren atzetik zihoanaren itxura hartzen zitzaiola esan zitekeen erratzeko arrisku larregirik hartu gabe. Bihozkadei jarraitzeko joerari amore emanez, lantoki aurrean automobila hartuko zuen. “Gure Oslon, non bizi dira afrikar gehienak...” gomutan zebilen, auto barrura sartzeko ahalegina beti bezain nekeza egiten zitzaiola, eta, beste behin, gehienetan bezala, buruarekin xasisaren goialdea joko zuen. “Berriro ere, zer demontre! Beti gauza bera!” esanez hasi zuen madarikazioen agerraldia, eta aurpegi latz mingarriarekin, buruan kolpea hartu zuen aldean hatz egin zuen, supituan, ernegaturik, motorra piztu eta hegoalderantz joateko pentsakor. Osteratxo bat egiten zuen bakoitzean joaten zen bezala zihoan, astiro. Errepidean berrogei bat metro egin baino ez, eta atzetik zetorkion autokoaren klaxon-hotsak erne jarri zuen. Astiroegi zihoan. Oraingoan ez zuen matrakarik nahi, eta ibilgailua azeleratu zuen, baina bide-seinaleak agintzen zuen baino motelago joateko, orduko berrogeian. Jarraikiz zetorkiona ikusteko barruko atzerako ispilua begiratu ondoren, leihoa zabaldu zuen eskuarekin aurrera egin zezan agintzeko. Urrunera, fiordoa inoiz baino ederrago ikusten hasi zen, eta izugarrizko errespetua eragiten zuen ur berde ilunak, “Erdu! ondo ibiliko gara! nik kulunkatuko zaitut zu aparra oinetan biltzera irristatuz joan zaitezen!” esaten egongo balitz bezala. Sakon agertzen zen. Handik itsasoaren kresala beste inondik baino hobeto usaintzen zen, portuan baino askoz ere hobeto. Lodi zetorren; gustua hartzeko moduan. Haizearen norabidearen erruz, udaberriko olatuek ekartzen zuten aroma zen, oro blaitu arte, hirian barrena poliki-poliki hedatuz joaten zena. Haakonsson usaina edonora zegoela zabalduta orduantxe jabetu zen. Søndre Nordstrand auzora heldu zenean, ikuspegia sekulakoa agertzen zen bere harrotasunean. Beste inon halakorik ikus zitekeenik zail egiten zen pentsatzea. Auzotegi hartarako joan etorria mila aldiz egina bazuen ere, oraingoan zirrara ikaragarria eragiten zion. Begien aurrean ur handiek bailara izoztua nola bereganatu zuten oso-osorik azaltzen zitzaion. Fiordoaren magalean bitxi ipinita zeudenak antzinako Bjørvika eremuko baserritzarraren lurrak ziren. Ertzak irregularrak, mugagabeak, bururik gabeko sugearen erara berebaitako nortasuna noranahi hedatuz, iragan denborako Thorren agintaldiko bazterrak ziren, sendo, gogor, indartsu, eta, aldi berean, bortitz zirautenak. Goitik, etxeen inguruetatik, bertakoak laztandu nahian-edo, haizea leun mihise eskuarekin springar dantzaren hiru laurden konpaseko erritmoari jarraitzen bezala-edo. Kontrajarria zirudien hain eremu bortitzean airea leun eta gozo ibiltzea, baina batzuetan halakoak ziren inguru hartan gertatzen zirenak. Gaitza ematen zuen sinestea; hala ere, bertara joatea baino ez zegoen han zer zegoen ikusteko. Sarritan, nola esan behar zaion jakiten ez den mizke hazitako oso haur berezia bezala ikusten zen hango eguratsa. Toppasueien kaleko bidegurutzean geratuko zen motorra oraindik martxan utzita. Segundo pare bat, eta automobila kalearen bazterrera eraman zuen, poliki-poliki, han bertan uzteko, belarraren gainean, ia-ia arekan. Laneko autoa, kolorez gris ilunekoa, giltzaz itxiko zuen. Tesla zaharra zen. Beti bezala nekez atera zen barrutik. Izugarri kostatzen zitzaion autorako sartu irtena egitea; gorputzaren neurriaren kontuak. Oinez bideratuko zen aurrerantz, autoaren muturrak adierazten zuen norabidean, aldika olatuei begira, besteetan eman beharreko urratsera. Han, itsaso urrutian, itsasontziak txiki ikusten ziren, eta barruan biltzen ziren gizonak akaso egiten zuten mugimendu txikiren batengatik bakarrik jakiten zen lanean buru-belarri zebiltzala, hiriko jatetxeek estimu handitan izaten zituzten jaki preziatuak biltzeko sareak botata. Zeruertza zirudien aldean, ordea, txalupak esku trebeak koadro batean ipinitako puntutxoak ziren, ez besterik. Uraren mugatik, itsasertzetik etxeetarantz jendeak urratutako xendra ausartak nabarmentzen ziren. Lorategi batean lorezainak hobeki egin ezin zitzakeen bezala zeuden oinbideak, etxeetarako nahaspila askaezinak orografian ipinita. Goialdean blokeak ziren bezala, behean bizitza lekuak denak zeuden bata bestearen alboan, bakarti, ondokoa ukitu gabe, triste. Teilatudun behe solairuak ziren, batzuk egurrezkoak, besteak porlanezkoak, batzuk gorriak, beste batzuk zuriak, haragokoak urdinak, eta bista helduko zen lekuetan grisak. Aspaldian distira galdutako auzunea, amets egitea galarazita zeukaten emigratzaileen ingurua zen orain, non askotxori nabarmen igartzen baitzitzaien euren lurraldera noiz bueltatzeko itxaroten zeudela. Haakonssonek irribarre arina agertu zuen ezpainetan. Keinua begietan ere igartzen zitzaion. Paisaia zoragarria zelako-edo izango zen. Irudi ederra. Segur aski udaberria kolpean zetorrela pentsatu zuen. Edo bazitekeen hogeita hamarren bat metrora zeuden neska eta mutilagatik izatea. Nerabeak ziren; beltzak; gordeta ibili behar izaten duten umetxoak; begiradan antzematen zitzaien jende ezezagunekiko izua. Bizirik irauteko desirak bultzatuta beharbada, korrika hasi ziren, alde egiteko; ezkutatzera zihoazen beldurrak eraginda-edo. Haakonssonek aldapa behera zuen begirada jarrita. Hango kalerako bide zidorra hartu zuen. Bidea estua zen, oinbidea, eta gainera, maldan behera zegoen, bizkarrean; eskerrak lurra lehorra zegoen. Narras jantzitako etxe beilegi ilunera heldu zenean, alboak begiratu zituen. Presarik gabe egiten ikusten zen, bazterrak irakurtzen bezala, berak bakarrik zekien bezala, zorrotz usaintzen. Keinurik gabe egiten zuen, begirada zoli. Eraikina goitik behera zegoen itxita, eta inguruan zuen lursaila ere berdin zegoen. Denbora ez zen alperrik joana izan, eta gizonaren eskuek egindakoak zaharkituta utzi zituen. Kaioak etengabe hegaldatzen zebiltzan beldurturik. “Bon, bulegora joango beharko dut”, inolako seinale txarri kasurik egin gabe, bat-batean etorri zitzaion gogora. “Gauzek eta pertsona guztiek seinaleak bidaltzen dituzte; ikusten ez diren kontuak dira, baina hor daude, ezkutuan, misterioak bezala. Ikusten den guztia dago sinbologiaz beterik, baina hala ere, ikusten ez dena baino gauza argiagorik ez da egongo. Bai, egia da, jakina, baina joerari egin behar zaio kasu”, maiz errepikatzen zuen leloa zen. Inoiz esana zion Dagny Gulbrandsen detektibeari: “Joerak aintzat hartu behar dira, horiek bai adierazten dutela noranzkoa, bestea usaimenarekin harrapatu behar da”. Erlojuari begiratu zion. Zortzi eta erdiak ziren. Etxearen atzealdeko bazterretik zerbait iluna mugitzen ikusi zuen. Une bat baino ez zen izan, segundo baten hamarrena-edo. Berehala desagertuko zen itzala izan zen. Haakonsson eraikinetik hamar metrora zegoen. Eskuarekin ilea atzerantz eraman zuen, eta gero, zorriak izango balitu legez, garondoan hatz egingo zuen. “Ez zait bat ere gustatzen”, pentsatuko zuen. “Pertsona makurtuarena, kakanarruarena, edo soilik edozein animalia txikiren itzala izango zen”, buruan bueltaka zebilkion, ziurtasunez jakin ezinik zer izango zen. Aizkolariak enborrean aizkora nola, supituan txistuak hala airea apurtuko zuen. Hots metalikoa bat- batekoa izan zen. Balek ateratzen duten doinuak lagundua, eta jarraian zarata idorra. Inguruko sasitzatik txantxangorri taldea ikaraturik hegan aireratu zen, noraezean, bakoitza bere aldetik. Berehala ezagutu zuen hotsa. “Ze kakalardo!”, errepikatu zuen bi aldiz. Boz gora, garrasika aterako zitzaion, eta, berak zuen bizi- senari jarraikiz, gorputza lurrera botako zuen, oso osorik bota ere, jarraian hotsa etorri zen etxearen beste alderantz hiru- lau metro pirritan egiteko. - Urte osoa tiro barik eta gaur bota beharko ote dut ba!, - berriro ere ozen aterako zuen ahotik. Instintiboki poltsiko batean autodefentsarako zeraman espraia atzamarrekin ukituko zuen, eta “honekin ez dut ezer egiten” pentsamendura etorri zitzaion. Eskuineko poltsikoan telefono mugikorra zeraman. “Horixe egingo zuen, telefonoa hartu”! “Hemen sekula ez da tiroketarik egoten eta gaur gertatu behar” - jarraituko zuen, nahiz eta pentsamendua beste alde batean zuen. Dagny Gulbrandsenen zenbakia sakatu zuen. Burua ehun eta hogei kilometro orduko bazebilkion ere, leloturik bezala zegoen. Ez zekien tiroa nondik etorria zitzaion. Etxea babesten zuen hesiak gaindiezina zirudien, eta babesa bilatzeko ezin izango zuen hormara heldu. Lurrean etzanda jarraitzeko gogoa zuen, baina ez zitzaion aukera ona iruditu. Detektibearen telefonoa lehen doinua jotzen ari zenean etorriko zen espero ez zuena. Berriro berunezko hots bizia eta talka isila. Oraingoan bere ondoan. Gorputzetik gutxira harrotuko ziren harri txiki arinak lagun ekarriko zituen gainera. - Ebbe, esan! - telefonoan adituko zuen, baina bere ahotik, “zer kaka mokordo, berriro ere!”, horixe soilik aterako zitzaion. - Ebbe, zer diozu? - Gulbrandsen detektibeak telefonoaren beste aldetik egiten zion galdera adituko zuen, baina ezin izango zion erantzun. Lehenbailehen jakin behar zuen nora egin beharko zuen, edo bereak bertan egin zuen betiko. Etxetik urruntzeko ahaleginean, beste hiru-lau metro joan zen pirritan, mugimendua ahal izan zuen arinen eginez. Gehiegi eskatzea zen. - Dagny! tiroketa! etorri berehala! - esandako hitzetan bizitzak alde egingo balio legez agindu zion detektibeari. - Nora? - Søndre Nordstrand auzora! Kokalekua Dagny, teknologia kontxo! - Zenbat dira? - Nola zenbat diren! Nik zer dakit ba! - Oraintxe goaz! - Azkar edo nireak egin du! - Bai, berehala! - Ea oraingoan egia den! - Eskegi, tira! - Tira? Hiltzeko zorian eta, eskegi tira! Adarra jotzen ala? Gulbrandsen detektibeak ez zion ezer erantzun. Eten zen komunikazioa. Haakonsson inspektoreak sakon hartu zuen arnasa. Badaezpada ere, lurrean etzanda jarraitzea erabaki zuen. Babesa non aurkituko, batera eta bestera begira egon zen istant baten bederen. Lasaitasun arraroak biltzen zuen bere burmuina. Beti gertatzen zitzaion antzera, gauzak zail xamar ipintzen zitzaizkion bakoitzean, bere baitara lasaitasun arraroa etortzen zitzaion. Ezin zion besteari aurre egin. Oslon inoizkoak soilik izaten ziren tiroketak, horregatik ez zuten arauzko pistola aldean eramaten; galarazita zeukaten. Automobila urrun zeukan. Han zeukan pistola. Araudiak agintzen zuen bezala pistola poltsa batean berunez zigilatuta zeukan guanteran. Glock 357 SIG pistola zen, bederatzikoa, “Safe Action” zuena. Armak aldi berean hiru segurtagailu zituen, ezustean tiro ez egiteko; segurtagailu batek huts egiten bazuen beste bi zituen. Baina hori pentsatzeak ez zuen aterako zegoen egoera larritik. Hiru-lau aldiz arnasa sakon hartu zuen. Apurtxo bat aurrerago autoak uzteko estalpe baten antzerakoa zegoela zekusan. Erdi katamar, erdi narraska harantz zuzendu zen. Bat-batean, benetako basurdea bailitzan, lau hankatan jauzi luze bat eginda babesean sartu nahi zuen. Jausia arraroa egin zuen, apenas metro erdikoa. Ez zuen helburua lortu. Gorputzaren neurrien kontuak. Katamar saiatu beharko zuen. Burdinazko xafla herdoilduz egindako estalpea une batetik bestera lurrera erortzeko moduan zegoen. Hala ere, ezkutua emateko beste bazegoen, baina berriro tirokatzen bazuten xaflek ez zioten inolako babesik emango. Dena den, ezin zuen besterik egin. Itxaron. Itxarotea luzeegi joaten den denbora izaten da, baina ez zuen besterik, horixe egitea baino. Istant batean, bat, bi, hiru, lau metal zarata burrunbatsu bata bestearen atzetik entzun zituen, eta telefonoa eskutik lurrera erori zitzaion. Eskuineko sorbaldan kilikak sumatuko zituen, eta une batez inurriak izango zirela pentsatuz geratuko zen. Ez zegoen beste ezertarako. Kostata lortu zuen bizkarra barruko xaflaren kontra jaurtitzea. Xaflak kakotu ziren. Eutsi zion arnasari. Kopetatik izerdi hotza zerion, dardara arinarekin batera etorri zitzaiona. Urrutira, patruila-autoen sirena hotsa entzuten zen doi-doi hurbilduz zetozela. “Apur bat gehiago eusten badiot, salbatuta nago”, etorri zitzaion burura, eta lurrean etzan zen. Etxearen atzealdetik automobil baten motor zarata zetorren. Motorra adituta, birak abiadura handian egiten zituela irudika zitekeen, eta zerbait apurtu ondoren alde egin zuen. Arin zihoan, txirringak irrintzika ipinita. Gero, pentsatuz arriskua urrundu zela, lasaitu ederra emango zion arnasotsa atera zuen. - Ebbe! non zaude? - entzun zuen, urrutiegi oraindik. Deia, bazirudien, handik, alde zaharretik etorriko balitzaio bezala heltzen zitzaiola. Zalantzan zegoen bere ahotsa Gulbransen detektibea zegoen punturaino hel zitekeen. Hala ere, bakarrik zegoelako ustean, zutik ipintzeko erabakia hartu zuen. Eskuak lurrean ipiniko zituen zutitzeko ahaleginari laguntza emateko. Bata berehala tolestu zuen ukondoan gorputzaren babes eske. Belauniko jarri zen. Bertikal ipintzeko lan nekagarria esku baten laguntzarekin erraztuko zuen. Kostatu zitzaion. Atera zen estalpetik, eta biriketako indar guztiez baliaturik deiadarka erantzun nahi zuen. Eztul arina atera zitzaion, ordea. Eztarria garbitu zuen erantzuteko. - Hemen, Dagny, hemen! - detektibea arineketan heldu zen, beste hiru poliziak ingurua babesten jartzen ziren bitartean. Arnasestuka heldu zen. - Baina, Ebbe! Zer demontre gertatu zaizu, odoletan zaude bata! - Zelan odoletan? - Ez duzu ikusten ala? - Zer? - Zure eskuin sorbalda! - Eskuineko sorbaldan kilimak soilik ditut - artean ez zen konturatu bala batek jo zuela eta odoletan zegoela. - Ez da ezer, odol apur bat baino ez! - Goazen berehala ospitalera! Kirol-jertsea eskuin aldean odolez dena zopa-zopa egina daukazu eta! - Zer ospitale eta zer ospitale! - Bai, oraintxe bertan, eta ez dut tutik ere aditu nahi, entzun? - Ezetz ba! Odol apur bat baino ez dela, ba! Gainera lan pila daukagu egiteko! - Lanak itxaron beharko du! - Ezetz ba! Ez dela ezer, kontxo! - Hori han ikusiko dugu. Goazen. - Beno, baina zeu zarelako bakarrik. Gaur ez dut zurekin inolako matrakarik nahi eta. - Horrela nahi dut. Gulbransen detektibeak besotik helduta zeraman aldapan gora. Haakonssonek hara eramandako autoaren ondora heldu ziren, arnasestuka bata, eta besteak aurpegia gorri-gorri. - Emazkidazu giltzak - Gulbransenek lagunik izango ez balu bezala agindu zion. - Bai, tori. Tori arinegi esan dizut. Itxaron. - Zer ba? - Nola, zer ba? - Bai, hori, zergatik itxaroteko? - A, ba giltzak lepoaren zauritu didaten aldeko poltsikoan ditudalako. Ez duzu ikusten beste eskuarekin zelango maniobra egiten nagoen, ala? - Dena oker atera behar izatea ere! - Patua kontuak? - Baliteke. - Zer patu eta zer pato! - Zer? - Gure lanbidean ez dagoela paturik! - Zalantzan nago. - Bon. Giltzak poltsikotik atera zituen, eta airean bota zizkion. Higidura erreflexuari jarraituta edo, Gulbransenek inolako arazorik gabe harrapatu zituen. Dagny Gulbrandsenek autoaren motorra abiarazi zuen ospitalerantz egiteko. Ziztu bizian ari zen gidatzen. Errepideko lehen bihurgune bihurrian autoa atzez joan zitzaion, eta biraka hasi zenean hirugarren martxa sartu zuen azeleragailua barruraino sakatuta aurrera egiteko. - Hori non ikasi duzu? - Haakonssonek areka saihestu izana oraindik ezin sinetsirik, harridura aurpegia ipinita galdatuko zion. - Zer uste duzu, esne bitsetan hezitakoa naizela, ala? - Gulbransenek burdinazkoa bailitzan. - Ez, baina hori edo kinkiek edo oso iaioek bakarrik dakite egiten. - Behin izan nuen beste bizitza bat. - Gaitza? - Bai. - Hitz egitea nahi? - Ez. - Bon. - Ebbe, nor edo nortzuk izan dira? - detektibeak gertatu berri zenari nolabaiteko azalpena eman guran galdetuko zion inspektoreari. - Ez dakit. Ez dut ezer ikusi. Ez dakit bat edo bat baino gehiago izan diren, eta ez dakit eskuartean daukagun kasuarekin erlazionatuta egon daitekeenik ere. Baliteke kasualitate hutsa izatea. Ez dakit kasualitatea edo kausalitatea izan den, nahiz eta zentzuzkoena bigarrena izaten den. Ez dakit zuria edo beltza, edo morokila, edo nor edo nortzuk izan diren, edo eta kakanarrua izan den. Tiroketa hasi aurretik soilki itzal arina ikusi dut, ez besterik. Eta ez dakit itzala pertsona makurrarena edo animalia txikiarena izan den. - Beno, ikusiko da. Taldekoak ipini ditut ingurua arakatzen. Baliteke laster zertxobait jakitea. - Dena argituko da, denbora besterik ez dugu behar, denbora. - Horixe da beti faltan duguna. - Utzidazu telefonoa. - Zertarako behar duzu? - Dei bat egiteko. - Bulegora? - Bai. - Itxaron dezatela. Behar bagaituzte eurek dei diezagutela. - Nire telefonoa estalpean geratu da. - Ez, neuk hartu dut. - Non daukazu? - Poltsan daukat. - Emadazu. - Gero. - Noiz da gero? - Ospitaletik irtendakoan. - Bon, baina zeure nahia delako bakarrik, e! - Ondo. Ospitalera heldu zirenean ateetan gurpil-aulkiarekin zaindari bat zegoen euren zain. Zaindariaren ondoan erizaina. Erizainak apur bat urduri ematen zuen. Haakonssoni aurpegira begiratu ondoren, lagunik izango ez balu bezala, gurpil-aulkian esertzeko agindua eman zion. - Ezetz ba! ondo noala oinez, ba! - Haakonssonek, hain denbora laburrean hainbeste aginduri men egin behar izatearekin asperturik, aurpegira bota zion. - Haakonsson jauna, protokoloa da - erizainak bere horretan ekin zion, nolabait hura ere kokoteraino baitzegoen berari zegokion txandan inork kasurik egiten ez ziolako. Nabarmen igartzen zitzaion jendea tente jartzeko ez zuela ahalmenik. Serio jartzen bazen ere, agerian geratzen zitzaion pertsona samurra zela. - Ezetz ba! - Ebbe, eseri zaitez hor, agindua da - manatu zion Gulbrandsen detektibeak. - Bon, zuk agintzen didazulako bakarrik, bestela ez gero! - Haakonssonek noizbehinka soilik hartzen zuen adarra jotzeko jarrera hartu zuen. Aspaldian ez zen horrela ikusten, eta sekula ez zen izaten Gulbrandsen detektibearekin. Hala ere, Dagny Gulbrandsenek txantxa ontzat hartu zion. Bazekien goizeko lehen orduetan hasita estres itzelaren menpean zegoela, eta dena barkatzeko prest agertzen zen. Erizaindegia edozein ospitaletan egoten den horietakoa zen. Ez zuten itxaron beharrik izan. Berehala etorri zen mediku andrea. Hura ere, lagunik izango ez balu bezala hasi zitzaion galdezka. Ematen zuen ospitalean, ordu hartan batik bat, inork ez zuela lagunik. - Bala? - Bai - erantzun zion Haakonssonek. Bai lehorra izan zen, gertatu zitzaion guztia hitz horretan jarriko balu bezalako indarrarekin botatakoa gainera. - Ez da muskuluan sartu baina ondo urratu dizu. Odol pila botatzen ari zara. Garbituko dizut, eta lau, edo akaso bost puntu eman beharko zaizkizu. - Hainbeste? - Bai, odol asko dario hemendik. Bost bat beharko dira. Garbitu eta jarraian anestesia lokala emango dizut. - Anestesia? - Bai, behar da. Izan duzun shockarekin eta galdu duzun odolarekin likido asko edan beharko zenuke. Batez ere ura edo eta infusioak. Kaferik ez, eta alkoholik inolaz ere ez. - Kaferik gabe ezin naiteke bizi. - Esan dizut esan beharrekoa, hortik aurrera zuk ikusi! - Bon. - Ea, tentsioa hartuko dizut. - Tentsioa. Ez nauzu tentsioan ikusten ala? - Horrexegatik jakin behar dugu noraino igo zaizun! - Bon, beste erremediorik ez badago... - Ea, orain berbarik ez! - Zer ba? - Hitz egiten baduzu tentsioa aldatuta azalduko delako. - Bon. Mediku andreak presio arteriala hartzeko tresna ipini zion, eta berehala besoan ipinitakoa puzten hasi zen. Laster agertu ziren zenbakiak pantailan. - Inspektore, oraindik shockaren eraginpean zaude, bederatzi koma hiru eta hamabi mediku andreak – esan zion. - Beti izaten dut tentsio baxua. - Bai, baina goikoa ondo daukazun arren, behekoa gora joan zaizu. Bulegora heltzen zarenean erizainari esan lau ordutik behin tentsioa hartzeko. Berak jakingo du zer egin beharko duen. Bulegoan badaukazue erizainik, ezta? - Bai, gaztea eta oso ona gainera. - Ba, horixe! - Horixe bakarrik? - Adarra jotzen? - Bon. - Gero errezeta bat emango dizut, eta sei ordutik behin bi pilula ur apurtxo batekin irentsi beharko dituzu. Eta beste hauek mina kentzeko. - Lehenengoak zertarako? - Zauria gaizkoatu ez dakizun. Inspektore jauna, txantxa gutxi hemen, e! - Bon. - Ea, orain begiratu beste aldera edo zorabiatuko zara. - Zorabiatu ni? Medikua bera hasi zitzaion puntuak ematen. Lehenengo puntua ematen hasi zitzaionean inspektoreak beste aldera begiratu zuen. - Zer esan dizut? - Bon. - Esku-ohean etzatea nahi? - Bai. - Aurpegia zuritu zaizu. - Bala batek ezer ere ez eta ziztada batek hainbeste? - Maiz gertatzen da. Orratza ikusi bezain laster kristoren gizonak ikusi ditut lurrera jausten. - Zergatik ote da? - Ez dakigu. Beste batzuk euren odola ikusteaz batera ere zorabiatzen dira. - Inorenarekin ez eta norberarekin bai, ezta? - Bai, horrela izaten da. - Azaldu ezin diren kontuak. - Beno, hau badago. - Amaitu da hemengoa orduan? - Bai, hemengoa egina dago, kontuz ibiltzea geratzen zaizu. - Hori baino ez bada, zail xamar. - Zuk ikusi. - Bon. - Adinez nagusia zara, ezta? - Horretan nago! - Ba, horixe. - Batzuetan besterik pentsatzen dut. - Zure barneko kontuak? - Nireak izan beharko. - Ez dira neureak izango, ezta? - Ez ba! - Horixe! - Bon. - Bihar goizean ez etorri esatera ez didazula ezertan kasurik egin, gero! - Ez da horrela gertatuko, gorputzean bala batekin ez bada behintzat. - Ez nuke nahi. - Nik ere ez. - Ba, kontuz ibili. - Erraza da esatea. - Bai, ziur. Esatea erraza, saihestea beste kontu bat, ezta? - Bon. Bulegora heldu bezain laster, Haakonssonek dutxarako bidea zuzenean hartu zuen, garbitzeko irrikaz baitzegoen. Dutxara sartu aurretik, zauria zuen aldea zelofan zabalarekin biribilkatu zuen, baldar eta basati. Ura behar zuen burutik behera sentitu. Ur beroa, eta xaboia. Denbora pila eman zuen txorrotaren azpian ura goitik behera bero-bero erortzen zitzaiola, bainugela lurrunak ezer gutxi ikusteko moduan jarria zuela ohartu zen arte. Orduan, eskuoihal handi batekin gorputz hezea sikatu ondoren arropa garbia jantzi zuen. Horrelako ezusteetarako beti izaten zuen zerbait armairuan. Jarraian, langelara jaitsiko zen. Besaulkian eseri zenean patxadaz hartuko zuen eginbeharrekoa. Presarik gabe. Dutxa beroak bizirik sentitzeko indarra eman zion. Halako batean, konturatu gabe bezala, eskuak besaulkiaren beso-euskarrietan jarri zituenean, aiene mingarri arina atera zitzaion ahotik, zauritutako aldeko eskua instintiboki sabelaren babes eske joan zitzaiolarik. Gulbrandsen detektibea deitu zuen. Konturatu orduko, lanerako ezinbestekoa zuen andreak atea jo eta bulegoan sartu zen. - Bai, Ebbe! - Dagny, bidal ezazu norbait kafe bat ekartzera. Eskatu zuretzat beste bat. - Medikuak ez al dizu esan kaferik ez edateko? - Txotxolokeriak! - Zure osasuna da! - Bai, horixe! - Ez didate niri tiro egin. - Eskerrak neuri egin didatela! - Ez zen hobeto izango beste bati gertatu izana? - Bon, laga dezagun metalinguistika adituentzat. - Oraintxe bertan noa. - Arren! - Banoa. - Ez etorri hamar minutu beranduago, gero! - Ez zaizu adarra jotzeko gogoa uxatu, e? - Hori gertatzen denean gureak egin duelako izango da. - Ehun urte barru-edo? Haakonssonek ez zion erantzun. Arraroa. Gustukoa izaten zuen azken hitza berak jartzea. Gulbrandsen detektibea bulegotik atera zen, eta agindua ematera harrera gunera zuzenduko zen urratsa zoli. Telefonoz ere egin zezakeen baina mugitzea nahi zuen. Ez zuen geldirik egon nahi. Nolabait mugimendua ibilian sorrarazten dela pentsatuko balu bezala zebilen. Behingoan Haakonssonen langelara bueltatu zen. - Ebbe, zerbait entzuteko moduan zaude? - Lanean jarraitzeko prest nago, ez nauzu ikusten ala? - Bai, jakina, baina pentsatzen nengoen, behintzat minutu batzuetan atseden hartu nahiko zenuela. - Hiltzen garenean a zelango atsedena hartuko dugun! Ordura arte, segi aurrera! - Ziur orduan ere norbait zirikatzen ibiliko zarela. - Batzuek merezi dute. - Batzuk bakarrik? - Batzuek bai behinik behin. - Gehienek, esango nuke. - Jendaurrean lan egin behar dutenek ez. - Bat baino gehiagori pipermina ipurditik. - Ez da hainbesterako izango. - Ezetz? - Ziur naiz. - Ez pentsa. - Ea, goazen harira! - Ba, begira, arakatu genuen erretako automobila, uste izan genuen bezala Chrysler Voyagera, Hartmut Borchgrevinkena da. Deitu diot eta bere emazteak esan dit aparkalekuan izaten dutela, eta handik astean behin-edo soilik ateratzen duela erosketak egitera joateko. Bere gizona ez dagoela gidatzeko moduan, oso zaharra dela, eta berak bakarrik gidatzen duela. Triste ipini da autoa erreta aurkitu dugula esan diodanean. “Hori ere guri egokitu behar” Aspaldi honetan a zelango marka daramagun!”, horixe esan dit, eta lasaitzeko agindu diot, neu joango naizela euren etxera gorabeherekin eta. - Oso ondo, Dagny, detektibe aparta zara. Nire ezagun batek “aparta, emakumea izateko”, esango luke, baina nik ez dut horrelakorik esango. Ez dakit inoiz horren gaixotasunik izan dudan, baina izan badut aspaldidanik sendatuta nago, eta eskerrak. Lehenago ere esana dizut inspektore kargua hartzeko sobera prestatuta zaudela, eta, egia esan, oraindik ez dakit zergatik ez zaituzten mailaz igotzen. Oso efikaza izaten laguntzen zaituen zerbait berezia duzu, eta zerbait berezi hori oso jende gutxiri antzeman diot. - Mila esker, Ebbe, estimatzen dizut. - Baina, Dagny, ez joan zu, bidali beste norbait Hartmuten etxera. - Ondo dago. - Besterik? - Beno, zu tirokatutako lekuan lau bala-zorro aurkitu dituzte, eta dagoeneko zientifikokoei eraman dizkiet. - Sei tiro aditu nituen. - Izango ziren baina aurkitutakoak lau bala-zorro izan dira. - Metala bilatzeko tramankuluarekin ibili dira? - Bai. - Ondo. - Aterpetik entzun duzun autoaren arrastorik inondik ere ez. Desagertu egin dela ematen du. - Bon, hori jakin nahi nuen. - Aditu zenuen metal hotsa? - Bai. - Ba, hango markak auto beltzak egindakoak dira. - Besterik? - Bai. Lauko taldea jarri dut hango bazterrak arakatzen. - Bon. - Laster jakin beharko genuke zerbait. - Agindu diezu bertakoak bezala ibil daitezela? - Zergatik? - Susmorik ez eragiteko. - Ez diet horrelakorik esan, baina horrenbeste badakite, ezta? - Ez dakit ba! - Hurrengorako ikasi dut. - Bon. Haakonsson arduratuta zegoen. Aurrera abileziaz ateratako ehunka kasuetatik esku artean zeukatena bitxienetarikoa iruditzen zitzaion. Emakume afrikarraren hilketak buruhauste itzela ematen zion. Ez zuen ezer apartatzen. Dena posible zela uste zuen. Hala ere, senak esaten zion ez zela kasu arrunta izango. “Bazuen senarrik? eta seme-alabarik?”, galdetzen zion bere buruari. “Nor ote zen? Hemen bizi ote zen? Genero-indarkeria? Nortzuk ziren haren lagun eta famili artekoak?” etenik gabeko hausnarrean jarriko zen. Eskuin sorbaldako zauria min ematen hasiko zitzaion eta, pentsatu gabe, lasaigarri-flaskoa ahoz behera ipinita, gora begira zeukan eskura pilula pare bat atera eta, jarraian, ahora sartu ondoren, mahaiaren albo batean zuen botilatik ur zurrutada laburrarekin batera irentsi zuen. Telefonoa joka aditu zuen. Haakonssonen nagusiak agindua emateko deia zen. Telefonoaren beste aldean zuena Yndag kapitaina zen. Egiten zuen lanagatik babesa emateko deiak agindua ere bazekarren: esku artean zeukaten kasuak iraungo zuen bitartean pistola aldean eramatekoa, arauzko Glock 357 SIG, bederatzikoa, “Safe Action” zuena. Egunean ehunka aldiz bezala, beste behin ere, telefonoak jo zuen berriro. Dei aspergarria izango zelako ustean, nagiturik hartu zuen. Bere zalantza eta kezka ezkutuek nolabaiteko poza behar zuten, noizbehinka bederen. - Bai - erantzun zuen, autoritate kutsua zuen doinua ateratzea kostatu zitzaiola, ohikoa izaten zuen bere buruarekiko konfiantzak huts egin balio bezala, normala bestalde, ezen kasuak aurrera egin heinean, oraindik urrutiegi argibideren bat izatea eta, zalantza gehiago ekarriko zizkion, eta, horrek, jakina, oreka izatea zail jartzen duen estresa sortuko zion, ondorioz ahulezia psikikoaren zantzuak ezinbestean pairatzera behartuz. Inspektorea jabetzen zen gertatzen zitzaionaz, hots, batzuetan adorearen beheraldia, besteetan ahotsa behar beste baino gehiago igotzea, ahuleziatik babesteko adarra jo beharra, sarritan egonezina, gauero hiru ordu eskas lo egitea, eta kasua argitu arte burua horretan bakarrik izatea; betiko kontua. - Ebbe. - Bai? - Forentse buru andrea, Alfhild telefonoan. - Ondo dago. Hartuko dut. - Besterik? - Ez. - Bon. - Alfhild! laztana! - oihu egin zuen, garrasika bezala, bestearekiko haserrea, ohikoa izaten zena, baretu nahian edo. Dena den, Ebberi euren arteko tirabirak kudeatzea oso eroso egiten zitzaion, kontuari neurria hartuta zion eta. - Joan hadi antzarak ferratzera - sendagileak erantzun zion, besteak handietsiagatik pikutara bidaliz- . Etorri hadi gura dokenean zeozer bajaukaguk eta. - Ederto, Alfhid! Oraintxe goaz - hasierako tonua galdu gabe erantzun zion. - Kakalardoaren adarrak heuretzat - esanez batera, sendoago jartzearren-edo, Alfhild forentse andreak belarrira eramaten den telefonoaren aldearekin mahaiaren kontra hiru-lau kolpe gogor eman zituen. - Kar-kar-kar! irriz Haakonsson inspektorea. Medikuak zenbait hitz ulertezin bota ahala eskegiko zuen telefonoa. - Aiurri txarreko emakumea! bai horixe! Horrela da! - esanez, telefonoan bi luzapena sakatuko zuen inspektoreak. Gulbrandsen detektibearen ahotsa entzun zen. Beti bezala zegoela ematen zuen. Pertsona zentzudunak izaten duen jarrera izaten zuen une oro, oso gutxitan aztoratzen zena. Jende aurrean egoten zenean bederen, burdinazko nerbioak zituela ematen zuen. - Dagny, gorputegira joan behar dugu, forentseak deitu dit esateko badaukatela zerbait eginda eta. - Txostena osorik? - Ez dut uste, zertxobait esan dit eta. - Goazen, ba! Gorputegira joan aurretik kafea? - Gulbrandsenek proposatuko zion Haakonssoni. - Nola muzin egin kafeari, bi ere bai! - Haakonssonek sekula ez zion ezetz esaten kafea edateko gonbitari; zerraldo egon beharko luke horretarako. Horixe zen inork egin ziezaiokeen estimurik handiena, hain zuzen, kafea edatera gonbidatzea. Sarrerako bazter batean zegoen mahaian, forentseak norvegiar pastel tipikoak jarrita zituen. Horixe bakarrik zegoen harrera-gela egiten zuen espazioan; ez zegoen bestelako apaingarririk. Tututxoak, Madagaskarreko Bourbon banillarekin egindako natillaz beteak, zeuden plater luzangan, esku treberen batek bitxi jarrita. Portzelana zuriak zuen urrezko ertzak oraindik erakargarriago egiten zituen platerean zeuden tututxoak. Dozena bat zeuden noiz jango itxaroten. Inspektoreak ezin izan zion tentaldiari eutsi, eta, bere laguntzailearekin soilik zegoela ohartuz, bat hartu zuen disimuluz ahora sartzeko. Gulbrandsen detektibeak beste hainbeste egin zuen, baina lehenengo inspektoreari argibide gisa zera esanez: - Ebbe, badakizu desberdintasun handia dagoela, zuzeneko lekuko izatetik, gaizkide izatera, ezta? – Haakonssonek ez zion kasurik egin. Oraindik zapore eztanda mihian bueltaka zutela forentsea atera zen, eta bortizki agiraka egin zien: - Zer, ezin itxaron? - Probatzeagatik bakarrik norbait hil egin daiteke. Hori egiteraino bultzatzen dute. Egin kontu! –inspektoreak ahoan zuen jaki gozo-gozoak mihia trabatzen ziola botako zion. - Bai, horrela da. Hain dira gozoak. Plazer sentsazioa deskribaezina da behin ahora sartuta. Biontzat ekarri ditut, preseski. Zuretzat ere bai, Dagny, horregatik esan dut biontzat. Nik ez nuke jan beharko, baina... ai, nire gluzemia! - Ni ere tentaldian erori naiz, ni ere gaizkide naiz, jauna! - Gulbrandsen detektibeak txantxetan erantzun zion hain gozoki zoragarria eurentzako opari gisa ekarri izanagatik. - Eta nor ez? - mediku forentse andreak. - Hala da - Gulbrandsenek. - Noizbait denok egiten dugu gehiegikeriaren bat. Tentaldiak hain dira zailak ekiditea - Alfhild medikuak. - Zuri ere gertatzen zaizu? –Gulbrandsenek, begiak zuzen-zuzen besteenetan jarri ondoren, ahoan zuen zaporearekin hordituta. - Ene, maitea, jakingo bazenu! - Alfhild forentseak begiak beherantz jarrita gomutara ekarri zituen hiru- lau tentaldi. Ez zuen ezer gehiago gehitu. Alfhild mediku forentse andrea bakeak egin nahian zebilela ematen zuen, Haakonsson inspektoreak esker onez hartuko ziona. Halakoak noizbait egiten zituzten, nahiz eta gehienetan txakurra eta katua bezala ibiltzeko joera zuten. Lehenengoa Ummm esatekoa izango zen, baina handik aurrera, antsiak jota-edo, aho bete zebiltzan jaten. Kurruskuak egiten duen bezala, tututxoak ahoan lehertzen zirenean natillarekin nahastatzen ziren eta, orduan, sentsazioa zoramena bihurtzen zen. Ez ziren Landa jatetxean zeuden bezalakoak, nahiz eta hangoak ere oso onak diren; bestelakoak ziren, gozo-gozoak, apartekoak. - Hildakoari buruz zerbait esateko moduan?, - aurrerapen bezala bota zuen Haakonssonek, ustez berari zegozkion tututxoak amaitu ondoren. Nolabait lanean jarraitzeko gogoz zegoela ematen zuen, hari guztiari buruz lehen bai lehen zerbait argitu nahian. Alfhildek agiraka egin zion. - Zer, heureak jan ondoren besteenak bost axola! Itxaron! –eta begiak itxi zituen ahoan zuenari gozatzeko luzapena eman nahian-edo. Aukera ikusten zuen guztietan eta, gainerakoetan ere bai, zerbait derrigorrean esan behar. Horrelakoa zen forentsea. Haakonssonek ez zion ezer erantzungo, eta euliak egon ohi diren lekuan jarri zituen begiak. Forentseak ezer berririk gaineratu gabe barruko gelara pasarazi zituen, oraindik ahorik zabaldu gabe. Gorpua esku-ohe baten gainean jarrita zeukaten. - Lehenengo eta behin, zelan zaude? - hasi zen mediku forentsea- . Entzun dut lehentxoago gertatu zaizuna. Leku onetik libratu zara, ezta? - ulertezina baina egia zen. - Bai, larri ibili naiz! - Madarikatuak! - Bai, madarikatuak, eta oraindik ez dakigu nortzuk! - Ez diozu aurpegia ere ikusi, ala? - Azkar mugitu den itzal bat ikusi dut, ez besterik. - Pertsona baten itzala? - Horixe ere ez dakit. Pertsona makurrarena, kakanarruarena edo animalia txikiarena, horixe ere ez dakit. - Ikusmena galtzen ala? - Alfhildek, adarra jotzeko donuarekin. Aukera txikiena agertzen zitzaionean nola geratu zirikatu gabe? Ezinezkoa zuen. Ziur gaztetatik ekarriko zuen izaera izango zela. Bazitekeen genetikak ere zerikusi handia izatea. - Hain ondo, eta berriro! Ez hadi hasi, gero! – Haakonssonek haserre kutsuz blai ihardetsi zion. Betiko kontua, behin bata hasiz gero besteak derrigorrean jarraitu behar. - Argituko da, lehentxeago edo gerotxoago dena argitzen da. Urrats bat egitea, hori da egin behar dena. Horixe bakarrik, urrats bat egin - Alfhidek suabeago bota zuen. - Zeuk esan duzu, urrats bat. Horixe. - Beno, jarrai dezagun, ezta? - Bai. - Heriotza enbor entzefalikoaren mozketa eta garuneko odoljarioagatik izan da. - Kolpeka hil dute? - Ez bereziki. - Ea, harira, ez nago igarkizunak asmatzeko moduan eta. – Haakonssonek, etsipen gardena hortzetan agertuz. - Buruan kolpeak eman dizkiote, eta bortitzak gainera, hortik garuneko odoljarioa, baina, hil, enbor entzefalikoa moztu diotelako hil da. - Beraz, lepoa moztu diote? - Bai, eta ez. - Berriro hieroglifikoekin ez, e! Nola da hori? - Ba, moztu, moztu ez diotela egin. - Ea, argiago Alfhid? - bien elkarrizketan sartu zen Dagny Gulbrandsen detektibea. - Beno, hasiko natzaizue esaten, egin duenak praktika daukala. Ez da izan edozein eratako hiltzailea. Esan nahi dudana zera da, elementu horrek baduela nolabaiteko medikuntza prestaketa. - Zergatik diozu? - Dagny Gulbrandsenek. - Orain ikusiko duzue. Atzo, lubakian gorpuari azaleko begiratua eman genionean, alde batetik gorpua garbitu egin zutelako, eta bestetik ileak ezkutatzen zuelako, ez ginen ohartu. Baina, Ebbe, begira ezazu, ebakia egiteko erabili duten aiztoa estokearen antzerakoa da. Estokea ez da aho bateko edo biko aiztoa, baizik eta puntarekin egiten du zuloa edo ebakia. Ikusten duzun bezala, ebakia ez da zabala, estua baizik, eta gainera sakona. Begiratu ezazu berriro, egin zaion mozketa bat bakarra da, eta ez hiru edo lau, elementu narrasak egingo zukeen bezala. Horregatik esan dizut moztu, moztu ez diotela egin, sastatu baizik - Alfhidek oraingoan, azalpen zehatzak eman behar ziren guztietan bezala, nynorsk norvegiera berrian hitz egin zien. - Bon, profesionala. - Bai. - Eta makadura hauek? - Azalekoak dira. - Bortxaketaren arrastorik ba al da? - Ez. - Honek ematen du antzinako makadura bat dela, ezta? - Honako hau oraindik antzinagokoa da. Ematen du karate edo horrelako kirolen bat egin izan duela –medikua, xehetasunetan. - Burua garbitu diote. - Jantzita aurkitu bagenuen ere, biluzi ondoren goitik behera garbitu dute, eta gero berriro arropak jantzi dizkiote. - Bai. Printzarik edo ilerik aurkitu diozue? - Badakigu ikerketa forentsea egiten gero! Zer uste duzu fakultatean amaitu eta lanean hasi berriak garela? Interpretazioa ez dagokit niri, gurea zientzia da! - Nire ustez gauza asko esaten du –Haakonssonek. - Horixe da zure lana, interpretazioa. - Hori ere bai, baina ez hori bakarrik. Hainbeste lan eta kontu, zertarako? Ezagutzen zuen, eta horregatik pentsatuko du berarekin lotu dezakegula? - Pasio-hilketa izango ote da, ba? - galdetu zuen Gulbrandsen detektibeak. - Pasioa estokearekin? –Haakonssonek. - Psikopata bat? - Ez dakit. Baliteke. - Marisorgina? - Mantis religiosa, Marisorgina diozu? Ez dakit. Baliteke. Estoke bat, bat soilik, ziztada bat eta hila. Baliteke. Baina Alfhildek dioen bezala, nor dago horrelako estoke bat emateko prestatuta? Nik hemen daramadan denbora guztian, ez dut sekula estokez hildako pertsonaren berririk izan. Gertatu izana gertatuta ere, ez zen izan pasio-erreakzioa. Pasioak beti darama urduritasuna atxikita. Ez zuen zati txikietan zatitu. Hori ere pasioarekin erlazionatzen da. Berdin zitzaion guri eragozpenak ipintzea edo ez. Beraz, ausardia itzela du. Guk zer aurkituko genuen hotzean pentsatuko zuen. Beraz, hotza da. Gainera, arrasto guztiak oso lasai kendu dizkio, arineketan ibili gabe, presarik gabe. Beraz, egitekoetan zorrotza da. Arreta handia jartzen du. Singularrean ari gara baina pluralean ere izan liteke. - Zergatik garbitu diote burua - galdetu zuen Gulbrandsen detektibeak. - Lehenengo eta behin, eta hori argi dago, utz zitzaketen aztarnak ezabatzeko, baina baliteke gorpua manipulatzeagatik ere izatea, edo berarekin egon zen une hura luzatzeko ere izan liteke. Beraz, beste bi kontzeptu berri agertzen zaizkigu: bata manipulatzailea, eta bestea denbora; denbora kontrolpean du. Edo baliteke heriotzarekin batera garbitu aditza erabili nahi izana. Badakizu garbitu, txikitu, suntsitu..., berriro ere singularrean nabil, baina guztiz aldatzen da pluralean bada. - Ez dago mozketarik? - galdetu zuen Gulbrandsen detektibeak. - Bai, atzamarretako ermamiak, ez duzu ikusten ala? Ez da mozketa baina... - gaineratu zuen Alfhild forentse andreak. - Bai, hori bai, erre egin dizkiote, baina badakigu zergatik? –Haakonsson inspektoreak pentsakor, gorpuari begira jarraitzen zuela. Eta beste gauza bat: zerekin erre dizkiote? Beraz, bi galdera gehiago, zergatik eta zerekin. Goazen lehenarekin. Zergatik? - Bera nor den jakiteko zailtasunak ipintzeko - argitu zuen Gulbrandsen detektibeak. - Bai, hori argi dago, baina horregatik bakarrik? - Ez dakit. - Horixe ba, oraingoz itsu gabiltza. Bai, egia da nortasuna kendu diotela, baina horren zergatia da jakin beharrekoa. Esan duzunagatik, jakina, baina horregatik bakarrik? Eta zerekin? - Hori zientifikokoen kontua da – Alfhild mediku forentseak, beste batzuen kontuetan sartzeari muzin eginez. - Bai, jakina, hori zientifikokoek argituko dute, baina baduzu susmorik? - Erabili duten metal goria ez da oso lodia. - Zergatik diozu? - Metal lodiak ermamia jango ziolako. - Bazitekeen horrela izatea. Azaleko erredura da, hamar hatz-markak ezabatzekoa soilik. - Oraingoan kontuak zail xamar agertzen zaizkizue, - forentse andreak, aldizka batari eta gero besteari begiratuta, serioski esan zien. - Beste batzuk egongo direlakoan zaude? Haakonssonek zer erantzungo zuen jakin nahian, Gulbrandsen detektibeak galdatu zion. - Ez... baina egongo dira. - Nola da hori? - Hiltzailea bat bakarra baldin bada behintzat, gehiago egongo dira. Hiltzaileak mugak gainditu ditu, eta ez da ikaratu. Jada, ezin du atzera egin, hiltzailea bat bakarra baldin bada. Hiltzaileak bat baino gehiago badira, baliteke gorpu honekin soilik kontu guztia amaitzea. Bon..., emakume hau nor izan den ikertu behar dugu. Edertasunean jantzia, norbaitekin biziko zen? Bazuen senarrik? Emazterik? Seme-alabarik? Afrikarra izanik errefuxiatuen auzunean biziko zen? Nolakoa zen bere izaera? Jendearekin egotea atsegin zuen? Maite zuen bakardadea? Oslon gustura zegoen? Edo izan zezakeen lehen aukeran hemendik alde egin nahi izango zuen? Bazuen asmorik? Handinahirik? Ezagutzen zuen hiltzailea? Hala balitz, silogismo errazarekin zera lortuko genuke: guk hildakoa ezagutzen badugu, baliteke guk hiltzailea ezagutzea. Lehenengo eta behin, non bizi izan da? Non dago bere etxea? Bere etxean aurkituko dugun guztiak gauza asko esango digu, eta auzokoek beste hainbeste. Norbaitek sumatuko du bere falta, ezta? Profil psikologikoa atera behar diogu. - Ba, nik uste laster igarriko duela norbaitek bere falta - Gulbrandsen detektibeak, gorpu biluzian zehar begiak eramaten zituela. - Lan egingo zuen nonbait? Han ere konturatuko dira bere faltaz, ezta? - Haakonssonek begirada galduta. Istant bat geroago, forentsearen begietan bereak irmo jarrita beste galdera bat bota zion. - Edo julis ibili da? –Gulbrandsenek. - Zer? –Haakonssonek. - Julis edo gaueko erregina, batera edo bestera esaten da - Gulbrandsenek - Ez, - Alfhilek. - Ziur? - Erabat ziur. - Norbaitekin biziko zen - Gulbrandsenek berriro. - Bon, oraingoz kontu hau ezin da aireratu. Apur bat gehiago itxaron behar dugu. Kapitainarekin egon beharko dut, eta gero kasua daraman epailearekin. Ez dakit oraindik epailea izendatuta dagoen. Kapitainari galdetu beharko diot. - Bai, onena apur batean itxarotea izango da, - Gulbrandsenek. - Bai, ezinbestekoa zaigu. - Laster izango du norbaitek haren mira, - Gulbrandsen detektibeak bekainak gorantz eramanez Alfhild mediku forentseari begira esan zuen galdera erara. - Alfhild besterik? - Oraingoz ez. - Agur ba. - Adio, bai; zuri ere bai, Dagny. - Agur, Alfhild. Haakonsson inspektorea eta Gulbrandsen detektibea, Alfhildek emandako behin behineko txostenaren aurrerapena hartu ondoren, bulegora bueltatu ziren. Bost minutuko ibilbidea zen oinez egiten zebiltzana. Urratsak urrats, forentseak eman berri zien txostenari Haakonsson irakurketa arina ematen ari zitzaion. - Txostenean dio oraindik ikertzen ari direla jatorriz emakumea nongoa izango zen jakiteko. - Ez daki, beraz - Dagny Gulbrandsenek erantzun zion. - Ez. - Handia da ba, Alfhildek ez jakitea! - Zer uste duzu, Wikipedia dela, ala? Detektibeak ez zion ezer erantzun. Bulegora helduko zirenean Haakonssonen langelara egin zuten. Esertzeko denborarik ere ez zuten izan, ezen inspektoreak “Beno Dagny, badaukagu nondik ibili” esan orduko, telefonoa beste behin ere, egunean hamaika aldiz egiten zuen erara, joka entzun zen. - Telefono madarikatu honi bolumena jaitsi beharko diot. Bai! - lehor. - Ebbe, dei pertsonal bat duzu, Daia du izena - deia sarrera gunetik zetorkion. Telefonoa eskuan zuela, Gulbrandseni zuzendu zitzaion, dei pertsonala zuela, eta arren bakarrik uzteko aginduz. Detektibea mutu atera zen bere langelara bidean, jakinez, noizbait bederen, denek zutela beharrezko bakardade apur bat izatea. - Bai, hartuko dut. Daia, maitea! zer moduz? - inspektoreak letrak luzatuta ahoskatuko zituen hitzak, bai Daia, bai maitea, eta zer moduz esaterakoan, nolabait pertsona bera eta berarekiko zuen estimu handia nabarmendu nahian. - Ondo. Egunetan ez didazu deitu, eta neuk egitea erabaki dut. - Leporaino nabil. Badakizu, betikoa. - Aizu, Ebbe, gaur ikusiko dugu elkar? - Nire falta botatzen duzu, ala? - Badakizu baietz. - Bon…baina berandu. - Ipiniko dut zeozer? - Astirik izango duzu, ala? - Zu baino lehenago heltzeko bai. - Orduan zeozer. - Lehenengo, edo gerorako? - Lehenengo badakizu, eta gero zeozer. - Nik ere horrela nahi dut. Gero zeozer. - Bai, gero zeozer, baina gauza arina. Badakizu gauza arina gustatzen zaidala afaltzea. - Erromesa ematen duzu! - Afalorduetan bai. - Gauza arina, beraz? - Baietz ba! - Hori gero, ezta? - Bai, lehenengo badakizu, eta gero gauza arina afaltzeko. - Hamarretan? - Bai, hamarretan, lehenago ez. - Badakizu zelan egongo naizen itxaroten? - Badakizu zelan gustatzen zaidan! - Hamarretan? - Bai, tira! - Etxeko giltza betiko lekuan aurkituko dut? - Bai. - Agur. - Tira, eskegi! Haakonsson besaulkitik jaiki zen, eta ezkerreko pareta ia osorik hartzen zuen kasuak grafikoki azaltzeko jarrita zeukaten panelera zuzendu zen. Panelean, bulegoko atera ematen zuen aldean, orri bat jarri zuen, eta bertan errotulatzadorearekin gorpuaren ertza margotu. Ertza margotzerakoan gauza bat izan zuen soilik kontuan: gorpua norantz begira aurkitu zuten. Norakoaren ondoan, gorpuaren ezkerretara, beste orri bat eskegi zuen, eta bertan baserria izena idatzi. Mahaitik txartel bat hartu zuen orduan, eta gorpua irudikatu zuen orriaren eskuin aldean, txintxeta baten laguntzarekin, goian jarri zuen, eta bertan ermami erreak bi hitzak idatzi. Beste txartel batean lubakia hitza idatzi zuen, eta aurrekoaren azpian jarri. Haren azpian beste txartel bat eta automobil errea, eta txintxeta baten laguntzarekin auto barruan aurkitutako bitxia. Orduan telefonoa eskuetan hartu eta Gulbrandsenen luzapena sakatu zuen. “Bai” hitza entzun zuenean zera galdetukzion: - Dagny, zientifikokoek ez dituzte gorpuaren argazkiak bidali? - Ez, oraindik ez. - Deitu, arren, eta esan lehentasuna daukatela. - Oraintxe deituko diet. Agur. - Bai, agur. Eskegi bezain laster, telefonoa berriro ere joka jarri zen. Haakonssonek “Bai” soilarekin erantzun zuen, haren aurpegiak nekea agertzen zuela. Oso denbora laburrean gauza gehiegi gertatzen ari zitzaizkion. Erritmo frenetikoa igartzen ari zen. Hala ere, oraindik bere burua halakoei eusteko moduan ikusten zuen. - Haakonsson, pertsona baten desagerpenari buruzko salaketa jaso dugu. Afrikarra eta emakumea. - Deitu duenak nola du izena? - Mwezi. - Afrikarra ematen du! - Bai, afrikarra dela esan dizut, afrikarra eta emakumea, kontxo! - Desagertuaren urteak? - Urduri egon da eta ez du jakin zehatz-mehatz zenbat. Hala eta guztiz ere, berriro galdetu diot, eta hogeita hamar, gutxi gora behera. - Desagertuaren kolorea? - Afrikarra. - Zer gehiago? - Desagertuaren auzokoak dio bere aurrean bizi dena atzo goizetik ez duela barrundatu. Arratsalde guzti-guztietan bere hamar urteko mutikotxoarekin etxeratzen dela, eta oso arraroa iruditzen zaiola herenegun etxean ez agertzea. Mutikoak egun guztietan jotzen omen diola txirrina, eta besarkatzen duela, gutxienez horixe eta egunero, bertan denbora gehiago ez badu ematen ere. Sarri afal ordura arte, eta berandurago ere bere etxean egoten dela. - Ondo dago, ekarri helbidea. Aizu!, berehala! - Baietz ba, oraintxe noala ba! - Ez itxaron hamar minutu, gero! - Ebbe, mesedez! - Bon. Inspektorea besaulkitik jaiki zen. Jauzi egingo balu legez altxatu zen, eta Gulbrandsen detektibea deitzeko pasabidera atera. - Dagny! - garrasika deitu zion, urduri, argitasuna ikusiko balu legez. - Bai! - Erdu! - Zer gertatzen da? - Erdu, banago ba hildakoari buruzko zerbait daukagula! - Banoa! Detektibea Haakonssonen langelara arineketan heldu zen. - Baliteke zerbait izatea. - Zer dakigu? - Pertsona bat desagertu den salaketa jaso da. Kasu honetan ez dugu berrogeita zortzi ordurik itxarongo, hildakoa andrazkoa, afrikarra eta hogeita hamar ingurukoa delako. Prestatu zaitez salatzailearen etxera joateko. Desagertuaren auzokoak dio bere aurrean bizi dena herenegun iluntzetik ez duela barrundatu. Desagertuak mutiko bat duela, eta egun guzti-guztietan txirrina jotzen omen diola, eta besarkatu. Gutxienez horixe eta egunero; sarri, afalordura arte eta gehiago ere, bere etxean egoten dela. Prestatu zaitez, berehala joan behar dugu eta. Badaukagu zeozer! - Oraintxe bertan. Emazkidazu hamar minutu. - Hamar minutu? Zertarako behar duzu hainbeste denbora? etxera zoaz, ala? - Hamar minutu behar ditut eta kito! - Ile-apaindegira zoaz, ala? - Ebbe, nahikoa da, e! - Bon. Dagny Gulbrandsen detektibeari itxaron bitartean, Haakonsson inspektorea grafikoaren paretara hurbildu zen, eta zerbait barrutik “bai, jar ezazu” errepikatzen izango balu bezala aditu zuen. Emakumearen gorpua zuen orriaren eskuin aldean txintxeta batekin txartel bat jarri zuen. Txartelean semea hitza idatzi zuen. Bulegoko atea jo zuten. - Aurrera! - Haakonsson! Eskatu didazun helbidea. Beste guztia esan dizut. Idatziz behar duzu? - Honekin nahikoa dut. Mila esker! - Ez horregatik. Agur. - Azkar egin duzu. - Ez hadi adarra jotzen hasi gero! - Adio. - Agur. Gulbrandsen detektibea Haakonssonen langelara sartu zen. - Ebbe, nora joan behar dugu? Haakonsson inspektorea mutu zegoen paretan egiten ari zen grafikoan begiak ipinita, eta ezer esan gabe helbidea idatzita zegoen papera erakutsi zion. - Ebbe, helbide hau ez dago beltzen auzotegian. Danmarks gate hemendik hamar minutura dago, eta hor ez dago immigranterik. - Ez - horixe baino ez zion erantzun; burmuina irakiten zuelako izango zen. Bidean Haakonssonek basati gidatu zuen. Prisa zuen hara heltzeko, nolabait zerbait garbi ikusteko aukera paregabea izango balu bezala zegoen. Muskulu guztiak tentsioan antzematen zitzaizkion, estu. Gulbrandsenek ez zuen hitz egiteko gogorik, eta Haakonssonek bere baitan eskertzen zion horrela egotea. Haakonsson inspektoreak ez zekien Gulbrandsen detektibeak bazekiela horrela gidatzen zuenean egiten zitzaion edozein galderari erantzun neurriz gaindikoak ematen zizkiola eta, sarri, istripuren bat izateko arriskuan jartzen zela. Horregatik, eta horregatik bakarrik joaten zen halakoetan isilik. Bulegora deitu zuen andrearen etxera heldu zirenean Gulbrandsen detektibeak salatzailearen etxeko tinbrea jo zuen. Anderea etxabean eskuineko aldean bizi zen. Kanpotik, leihoaren bestaldetik, errezelak nola mugitzen ziren ikusten zen. Mugimendu soila izan zen, leuna, ikusmiran ibiltzen diren horiek egiten duten antzerakoa. Goitik interfonoan emakume ahotsa: - Bai? - Andere, Ebbe Haakonsson inspektorea naiz. Zuk deitu duzu polizia-etxera desagerpen bat salatzeko, ezta? - Bai, sartu eta etorri - bestaldetik. Sarrera xumean, salatzailearen ateetara heltzeko lau eskailera maila baino ez zeuden. Zabaldu berri zen kanpoko atearen aurrera, eskuineko horman ispilu luzanga eta estua, eta paretak antzinako azulejuz jantzita zeuden; ez zegoen besterik. Beste behin ere, Haakonssoni sorbaldako zauriak min ematen zion. Medikuak emandako flaskotik atzamarrekin bat hartu zuen, eta, ahora sartu ondoren, urik gabe, aurpegia latz ipinita listua bildu behar zuen irensteko. Salatzailearen etxeko atea adineko andre batek zabaldu zien. Beltzez zegoen jantzita, eta, oro har, harrokeriarik gabeko emakume apala zelako itxura hartzen zitzaion. Jatorriz, inolako zalantzarik gabe, afrikarra zen. Aurpegi zimurtua ile kizkurraren jarraipen bezala zihoakion, eta, oraindik orain, bizitasun osoa mantentzen zuten tristezian jantzitako begi beltz-beltzek salatzen zuten bihotzean pairatzen ari zena. Ez zegoen zalantzarik. Zerbait larria gertatzen zitzaion. - Egunon, andrea. Ebbe Haakonsson inspektorea eta Dagny Gulbrandsen detektibea gaituzu. Lehentxeago deitu duzu zure aurrean bizi den emakumea desagertu dela salatzeko; zelan da hori? - Herenegun arratsaldean konturatu nintzen haren faltaz. Zerbait ez dabil ondo. - Norabait joango zen. Oraindik deituko dizu, ez dira berrogeita zortzi ordu ere igaro eta. - Ez. Zerbait ez dabil ondo. - Zergatik diozu hori? - Zerbait esango zidalako. - Hainbesteko konfiantza duzue ala? - Bere ama izango banintz bezala naiz berarentzat, eta bere mutikoarentzat, amona. Ez daukate beste inor. - Nola dauka izena andrazkoak? - Mary. - Abizena? - Nicizanye. - Jatorriz nongoak zarete? - Burundikoak. - Hori Afrikan dago, ezta? - Erdi-erdian. - Biok, zu eta bera zarete hangoak? - Bai. Mutikoa hemen jaio da. - Duela zenbat urte bizi zarete hemen? - Hemen, Oslon diozu? - Bai ba, hemen Oslon, Norvegian! - Norvegian. Hona etorri ginenetik ez gara beste inon bizi izan; hementxe, Oslon soilik. - Duela zenbat urte etorri zineten? - A!, bai!, galdetu didazu. Ez dakit, pentsatu beharko nuke. - Gutxi gora behera? - Gutxi gora behera, hogeita hiru urte. - Beraz, Mary hona heldu zenean zenbat urte zituen? - Zazpi. - Umea! - Bai. - Hona heldu zinetenean errefuxiatu politikoentzako-edo babesa eskatu zenuten? - Bai, eta gero nazionalitatea ere bai. - Zu ez zara Maryren odoleko ama? - Ez. Bere gurasoak eta neba-arrebak denak hil zituzten, han Buyumburan, Burundiko kapitalean. - Genozidioa hasi zutenean? - Aurreragotik ere hasita zegoen, baina bai. - Zein da zure abizena? - Enyzacinya. - Eta paperetan familiarteko zein harreman duzu ipinita Maryrekin? - Adopzioz hartu nuen? Beraz, alabatzat daukat. Baina zergatik egiten dizkidazue hainbeste galdera pertsonal, Mary eta semea faltan direnean? - Lasai, Mwezi, dena da garrantzitsua eta. - Ez dut ulertzen. - Zergatik ez zenion zure abizena eman? - Berak berea duelako, eta guraso eta arbasoenganako errespetu eta ohoretan ez nion abizena aldatu nahi izan. - Paperak denak legez dituzu? - Baietz esan dizut. - Zuk bai, zuk Mary alabatzat daukazu, baina Maryk ba al du gainerako familiartekorik hemen, Oslon, edo Norvegian? - Ez. - Mary non dabil lanean? - Erdi aldean, banketxe batean. - Zein banketxetan? - Handelsbankenen. - Erdi aldean? - Bai, erdi aldean. - Kalea, badakizu? - Ai! Kalea..., egoitza nagusia da. - Zenbat urte darama bertan lanean? - Gaztea zenean hasi zen bertan lanean; ikasketak amaitu eta urte berean hasi zen bertan. Ez du beste ezertan lanik egin. Horixe izan da bere lehen lana eta bakarra, bankaria da lanbidez. - Bankaria bai, baina zein lan mota egiten du banketxean? - Administrazio-lana. - Badakizu laneko lagunik duen? - Bai, bat, bereiziki bat, Lovise. - Ekarri du etxera inoiz? - Urte hauetan behin baino gehiagotan. - Bon, semea duela esan duzu? - Mutiltxo bat. - Non dago mutikotxoa? - Bera ere falta da, biak falta dira, Mary eta semetxoa. - Zelan dauka izena semeak? - Yamwezi. - Abizena? - Nicizanye. - Amaren abizena du, zelan da hori? Ohitura da zuon lurraldean? Aitak zer dio? - Ez, ez da ohitura gure lurraldean, eta ez du aitarik. - Nola da hori? - Ilargiaren semea delako. - E? - Ilargiaren semea dela, kontxo! - Zenbat urte ditu mutiltxoak? - Hamar. - Zein ikastetxetan dabil mutikoa? - Hedmarkgatakoan. - Beti ibili da ikastetxe berean, edo aldatu du? - Bai, eskolatu zenetik ikastetxe berean dabil. - Maryk umea ikastetxean hartu ondoren zein ibilbide egiten du etxera etortzeko? Beti egiten du berbera? - Nik lagundu izan diodan guztietan berbera egin izan dugu, baina asteazkenean ez dakit zein egingo zuen. - Zein da ibilbide hori? - Hedmarkgata hasierako ikastetxean haurra hartu, eta Stromsveinetik Etterstadgatara, eta handik hona, Danmarks gatera. - Goizez nork eramaten du haurra ikastetxera? - Nik neuk. - Esan duzun ibilbidetik? - Beti leku beretik. - Bon. Zabalduko diguzu Maryren etxea, arren! - Bai, goazen - emakumeak gona luzeko poltsikotik atera zuen aurrez aurre zegoen atea zabaltzeko giltza, nolabait horixe aginduko ziotela pentsatu baitzuen. Kanpoko atea zabaltzearekin batera, atondoko ezker aldeko paretan Carlina acanthifolia bat dotore nabarmen agertzen zen esekita. Lorearen inguruan, neurri egokiei jarraituta, kristalik gabeko koadro handi baten markoa zuen ipinita. Bi elementuak bateratzeak bitxia ematen zuen emaitza. Behean, apaingarri bezala argazki bat zuela, sarreretan egon ohi diren mahaitxo estua eta alboan, euritako-ontzia hutsik. Metro biko atondoari amaiera emateko, igeltsuzko korintoar zutabe biren gainean, erliebean loreak zituen arku ederra zegoen egongelari ongietorria emateko. - Andere - Haakonssonek, sarrerako mahaitxoan zegoen argazkia eskuan hartuta- , hau al da Mary? - baiezko erantzuna jasoko zuen esperoan galdetu zion. - Bai, hauxe da Mary, eta beste hau bere semetxoa. Ama-semeak ikusi bezain laster, Haakonsson eta Dagny argazkiko andrea lubakian hilik agertutakoa zela jabetu ziren; hala ere, Mwezi andereari ez zioten ezer esan. - Dagny, jarri taldeko guztiak martxan. Ikus ditzatela haurraren ikastetxetik honako kamera guztien grabaketak, baten bat egongo da eta; gero, ikertu ditzatela segundo guztiak. Telefonoarekin atera honi argazkia, eta bidali taldera. Haurra bilatzen jarri dezatela lehentasun osoa. - Mwezi anderea, baduzu Maryren eta semearen argazkirik? - Bai. - Emango? - Bai, oraintxe hartuko dut albumetik. Apalategian dago. Egongelaren erdialdean, elea egiten zuten sofa biren aurrera, kristalezko mahai baten gainean, Erdi Aroko norvegiar olerki bat zegoen fotokopia batean. Haakonssoni ezaguna egingo zitzaion. Eskuetan hartu ondoren, ahots ozenez hasiko zen irakurtzen. Veit ek, at ek hekk?vindga mei?i á?nætr allar níu,?geiri unda?r?ok gefinn Ó?ni,?sjalfr sjalfum mér,?á ?eim mei?i,?er manngi veit,?hvers af rótum renn. Vi? hleifi mik sældu?né vi? hornigi,?n?sta ek ni?r,?nam ek upp rúnar,?æpandi nam,?fell ek aftr ?a?an. Olerkiaren eskuin aldean, lerroka ipinita, hizkuntza arraro batean idatzitako itzulpena zegoen. Haakonssoni ezezaguna egiten zitzaion. Zer edo zer ulertuko, luze geratu zen begira. - Dagny, ezaguna egiten zaizu hizkuntza hau? Gulbrandsenek orria eskuetan hartu zuen, eta, bat-batean, erantzun zion: - Ezta antzik ere! Zein hizkuntza da hori? - Neuk baneki! Gaur lehenengo aldia horrelako hizkuntzarik idatzita ikusten dudan! Hizkuntzalariarekin egon beharko dugu. Segur aski emakumearen jatorrizko hizkuntza izango da. Badaukagu zeozer. - Andere, hizkuntza hau zuon herrialdekoa da? - Haakonssonek Mwezi andreari. - Bai, kirundia da. Inspektoreak tolestu zuen orria, eta, emeki, jakako barruko ezker poltsikoan sartu zuen. Laztandu guran egin zuen gordetze mugimendua, ondo zaindu beharreko harri bitxia izango balitz legez. - Dagny, zoaz bulegora eta koordinatu ezazu hango guztia, badaukagu argitasun apur bat eta. Nik hemen amaitzen dudanean hara egingo dut. - Ondo dago. Han ikusiko dugu elkar. - Bai, zoaz! - Automobila zuk, ala nik eramango dut? - Eraman zuk eta agindu norbait nire bila. Itxaron, itxaron –Mwezi anderea albumean Maryren eta semearen oraintsu egindako argazkiei begira zegoen bitartean, Haakonssonek Dagny Gulbrandsen detektibea besotik helduta atera zuen kanpora. Behin eskailera-buruan, argiago hitz egin zion-. Dagny, eraman zuk autoa, eta autora sartzearekin batera bi gauza egingo dituzu: bata, norbaiti hona nire bila etortzeko agindua ematea, eta, bestea, patruila-auto bat hona bidaltzea, amona zaintzera. Baina ez daitezela ateetan jarri, apurtxo bat aldenduta baizik. - Oso ondo. Pentsatu dut aginduko zenidala. Besterik behar duzu? - Ez, esan dizudana baino ez. - Orduan banoa. - Bai, zoaz. - Gero arte. - Adio. Ebbe Haakonsson inspektorea barrura sartu zen, eta afrikar anderearen ondora egin zuen galdeketarekin jarraitzeko. Mwezik bere alboan ikusiko zuenean hitz egiteari ekin zion, nolabait barruan zuen presioa askatu nahian bezala-edo. - Berak esaten zidan ezer ez ukitzeko, horregatik ez ditut gauzak atondu. Gauza bakoitza dagokion lekuan ipintzea gustatzen zait baina berari ez zitzaion gustatzen bere logelara sar nendin. Badakizu, norbere logela oso leku pribatua da. Egunero gauza bera egiten du. Noiz behinka ateratzen da, baina oso gutxitan. Igandean atera zen azkenengoz, gauez, eta nahiko larri bueltatu zen –Mwezi andereak argibide bezala gaineratu zion Haakonssoni. - Eskerrik asko andere. Orduan, igande gauez festa batera joan zen? Eta mutikotxoa zurekin geratu zen? - Zehazki ez zen jaia izan. Gazteak joaten diren horietako lokal batera joan zen, eta, bai, mutikoa neurekin geratu zen, neure bilobatzat daukat eta. - Ez dauka egunkari pertsonalik? - Gaur egun bada inor horrelakorik duenik? - Banakaren bat bai. - Bai, badauka; beno, ordenagailua dauka, eta bertan gauza asko idazten du. Baina ez dakit non egon daitekeen. A, bai, normalean berarekin eramaten du hara eta hona, eta egunero lanera eramaten du. Lanetik zuzenean joaten da semearen bila, eta horregatik berak izango du. - Bon. - Igandean bere mutil-lagunarekin ika-mikan ibili zen, eta horregatik hamarrak aldera haserre heldu zen –esatea beharrezkoa izango zelakoan Mwezi andereak bigarren aldiz gaineratu zion, nolabait horri ematen baitzion garrantzia. - Haserretu egin zen, e! Hori interesgarria da. Haakonssonek paperontzia arakatu zuen. Karrerako lehenengo ikasgaia zen: “hortxe aurkitzen omen da etxearen pertsonalitatea; etxekoena hain zuzen ere, eta bertakoen miseriekin nahasita gainera”, supituan burutik bueltaka jarri zitzaion. Zerbaiten atzetik zebilen, usaintzen bezala. Erretratu bat zen. Eskuetan zuela albo batean zegoen armairua zabaldu, eta begirada zorrotza eman ostean: - Diseinuzko gauza asko dago hemen; garestiak. Mwezi anderea, Maryri ondo janztea gustatzen zaio? - Emakume guztioi bezala. Dirua aurreratzen duenean kapritxoren bat erosten du. Hor kapritxo batzuk badaude, baina emakumea izango bazina jakingo zenuke gehiena prêt-à-porter dela. - Mutil-laguna duela diozu? - Baietz esan dizut. - Ekartzen zuen etxera? - Noiz behinka ekartzen zuen etxera, bai. - Gizonezkoa ala emakumezkoa? - Gizona. - Zelan dauka izena? - Rhon. - Argazki honetako hau? - Bai. - Badakizu non egiten duen lan? - Oraindik unibertsitatean, lehen ikasturtean dabil. - Zer ikasten du? - Literatura, uste dut. - Familia aberatsekoa? - Zer ari zara barrundatzen? - Ez dakit. Bazuen aitaorderik?, osaba aberatsik? - Ez. Baina arropa horiek ordaintzeko ez du behar inoren laguntzarik, eta gainera, lanak modu onean jantzita ibiltzea eskatzen dio. - Bon, joango gara mutil-lagunarekin hitz egitera. Unibertsitatean dabilela esan duzu, ezta? - Bai. - Ikasgelan, lagunen aurrean egingo diogu galdeketa. Ustekabean harrapatuko dugu; horrela, bere ikaskideak hitz egiten hasiko dira. Horixe behar dugu, jendeak hitz egitea - inspektoreak, nolabait Mwezi anderea lasaitu nahian. Haakonssonek bitxiontzitik eraztun bat atera zuen. Esmeralda berde-berdea zen urrezko koroan ezarrita zegoena. - Miresle bat? - Ez, neuk oparitu nion. Ikasketak amaitu zituenean egindako lorpenagatik oparitu nion. - Diruz ondo orduan? - Kapritxo bat, ez besterik! - Jende landerrak ez du izaten horrelakoetarako. - Hainbesterako ere ez da! - Bon, oraingoz nahikoa dut. - Noiz izango dut berririk? - Mwezi, oraintxe hasi gara! Emaguzu denbora apur bat behintzat! - Barkatu, larritzen hasia naiz eta. - Bai, hainbeste maite diren alaba eta iloba desagertuta, normala da larri egotea, baina pentsatu behar duzu oraintxe hasi garela. - Bai, barkatu! - Egon lasai. Zertxobait dakigunean neu etorriko natzaizu esatera; bien bitartean ahalegindu zaitez lasaitzen. Badakigu eskatzen zaizuna oso zaila dela, baina ez daukazu besterik. Mwezi, itxaron behar! - Bai, itxarotea luze joaten den denbora izaten da. - Hala izaten da, bai. - Dena den, mila esker. - Ez horregatik. Hauxe da gure lana. - Agur, ba! - Agur bai, Mwezi anderea. - Adio. Haakonssonek bulegoaren aurrean hartu zuen Mwezi anderearen etxetik Dagnyk hara eramandako Tesla zaharra. Tirokatu zuten etxera joan nahi zuen. Orduan, gertatu zena gertatuta, ez zuen ezertarako denborarik izan. Etxea goitik behera arakatu nahi zuen, eta ingurua ere bai. Jakin-mina zuen han zer egon zitekeen ikusteko. Susmoa zuen zerbait aurkituko zuela. Susmoa besterik ez zen, bihozkada nolabait esatearren eta bihozkaden aurrean ez zuen amore ematen. Nola jakin esku artean zeukan kasuarekin harremanik izan zezakeen, hara joan eta dena hankaz gora ipini arte? Han gertatua kasualitate hutsa ere izan zitekeen, nahiz eta inspektoreak horrelakoetan ez zuen sinesten; kausalitatean bai ordea. Dena den, bazitekeen zerbait azaltzeko balio izatea. Haakonssoni ezinbestekoa egiten zitzaion leku guztietan muturra sartuta ibiltzea. Behin xehetasun guztiekin, kontu mordoa buruan izanda, harila apurka-apurka askatzen joaten zen. Automobilera sartzerakoan, beste behin, buruan kolpe itzela hartu zuen. Sarri gertatzen zitzaion, maizegi. Barrura sartzeko kontu handiarekin ibiltzen bazen ere, berdin gertatzen zitzaion. Hiru-lau birao bota zituen gora begiratuta. Eguzkia arratsaldeko lehen orduetako bidea egiten zebilenez, bazuen oraindik ordu pare bat iluntzea gainera etorri orduko. Zuzenean heldu zen joan nahi zuen etxe ondora. Autoa zauritu zuten estalpean sartu zuen; sartu ere, beldurrez sartu zuen, aterpea une batetik bestera lurrera erortzeko zorian baitzegoen. Atea giltzaz itxi zuen. Apur bat aurrerago, bizilekua inguratzen zuen hesiak burdinazko sarrera zuen, autoak sartzeko besteko zabalerakoa. Albo batera eramanda zegoen atea erabat herdoildutako ohe zahar baten malgukizko lastaira zen. Katea eta giltzarrapoa lurrean botata, banden aldean. Asfaltoa hasten zen lekutik, aspaldian egindakoa zela ematen zuen bidea harri xehez eginikoa zen, ezen gurpilak ibiltzen ziren gurtarrastotik bereiz, beste ia gehiena, belarrak irabazia baitzuen. Etxearen atzealdeko sarreraraino heltzen zen, amaieran auto arrunt batek buelta emateko nahiko leku zegoelarik; sagarrondoren bat saihestu beharra izango zen, baina lasai bira emateko moduan zegoen. Sarreratik fiordorantz, sarri ibiliaren ondorioz, belar zapalduak xendra egina zuen. Pertsona batek baino gehiagoren ibiliak sortua zela ematen zuen. Haakonsson adi geratu zen. Ez zen ezer entzuten. Aldizka, inguruko txori despistatuen txorrotxioagatik ez balitz, hilen etxeetan izaten den isiltasuna zela esan zitekeen. Senezko erreakzio gisa pistola eskuetan hartu zuen. Ez zuen ordu batzuk lehenagokoa berriro gerta zekion nahi. Isilean jarraitu zuen. Euritik edo eguzkitik babesteko, sarrera atsegina egokituz, etxeak fiordora begira estalpea egiten zuen. Albo batean lau bat pertsonarentzako porlanezko mahaia oraindik orain sendo zegoen. Bazterrean, plastikozko aulkiak lurrean botata. Urteetan, gogoratzea ere zaila zen noiztik, garbitu gabe zeudela ikusten ziren. Inoizkoren baten zuriak izango ziren, baina orain hezetasunak guztiz belztuta agertzen zituen; aspaldian erabili gabeak ziren seinale. Loreontzietan inoiz edertasunean egongo ziren lore zimelen arrastoak hotzikarak sortzeko modukoak ziren. Eskailera-burura heltzeko porlanezko lau maila. Ezkerretara, atea. Itxita zegoen; trangatuta bezala. Oraintsu indarrez zabaldua izan zela ematen zuen. Eskuineko sorbaldarekin bultzatu zuen. Ezkerrekoa ez zuen horretarako. Egurrak karraska egin zuen bera ozta-ozta igarotzeko beste zabaldu aurretik. Alboz sartu behar izan zuen. Etxe osoa behe solairua zen. Gorantz begiratuta hainbat itoginen eraginez teilatuko egur umelak egoera penagarrian ikusten ziren. Aurrealdetik igarotzen zen autoen bidera, egun eguzkitsuetan argi apurra sartzen utziko zuten bi leiho txiki zituen. Sagarrondoz beteriko atzealderantz ordea, beste bi, apur bat handiagoak. Fiordora begiratzeko eginiko etxea zen, oso apala aurrealdera, baina ur gaziak irabazitako glaziarren aldera itzela; behinola gozatzeko atseden baketsua eskainiko zuen. Espazio handian sukaldea eta egongela batera zeuden. Bertan ikusten ziren arrastoek arestian behin baino gehiagotan zeozertarako erabilia izan zela salatzen zuten. Harriaren ondoan, narda emateko beste, lurrera botatako zakarrak hats arina ateratzen zuen. Mahaian, plater batzuk nahasian, ogi zati sikua, saltxitxoi punta bat, eta ardoarekin erabilitako hiru-lau kopa. Bizilekua norbaitek erabiltzen zuen. Anabasaren artean, garbitzen saiatu baziren ere, oraindik ageriko odol markaren bat erraz etortzen zen bistara. Ez zen handia baina nahikoa odola zitekeela baieztatzeko. Irudi tristea. Haakonssoni ez zitzaion batere gustatu. Larritu zen. Barrenak orroka jarri zitzaizkion. Egongelaren ezkerretara bi atek logeletara ematen zuten. Hurbildu zen. Hezetasunak janda zeuden. Lurrean lastairen gainean manta zahar batzuk nahaspilan. Arnasa sakon hartu zuen. Bota zuen berehala. Kiratsa. “Hau norbaitek erabiltzen du”, - imajinatu ondoren, Gulbrandsen detektibearen telefono zenbakia sakatu zuen. - Bai? - Dagny, deitu zientifikokoak eta esan tiroketa izandako etxera etortzeko. Hemen odol arrastoren bat dagoelakoan nago. Etxera atzealdetik sartu daitekeela esan. Etor daitezela patruila batekin, armaturik. - Oraintxe deituko diet! - Agur. - Adio. - Dagny, itxaron, beste gauza bat: ikertu etxea norena den. - Ados. - Dagny, beste gauza bat. - Zer? - Etxera sartzeko epailearen agindua beharko da. - Zu zelan sartu zara ba? - Ez galdetu lelokeriarik! - Ulertu dizut, neure kontu! - Bon. - Besterik? - Oraingoz besterik ez. Haakosson giro ustel hartatik atera zen. Astiro-astiro, belarra zapalduta zegoen alderantz egin zuen; belarra eta abarrak, abar hezeak nahasian. Xendrak, zilar bidea eske, erreguka, ez zuen bere baitan zalantzarik biltzen itsasoa ikusmiran jartzeko. Labarrera heldu zenean, uretara heltzen zen oinbide estua zegoela ikusi zuen. Pertsona bat bakarrik hartzen zuen bidezidorra zen, oraintsu behin baino gehiagotan ibilia. Beherago zulo bat zegoela pentsa zitekeen; ez oso handia. Marea gorak guztiz bete zezakeen. Marea igotzen zebilen. “Ezkutaleku interesgarria”, pentsatu zuen. Autora bueltatzeko oinetan bira egin zuen. Nekatuta zegoen, eta gose zen. Azken mokadua noiz egin zuen gogoratzea zail egiten bazitzaion ere, batik bat gorputzean kafearen beharra areagotzen zitzaion, eta, aldi berean, zuzentasun-gose eta egarria ere izango zen, segur aski. Mementoz taberna batekin konformatu beharko zuen. Betiko jatetxera sartu zenean, ez zen ohi bezala barrak elea egiten zuen alderik laburrenean geratuko, erdialdean, beirateak gozokiak babesten zituen aldean, aurrez aurre kaffebrødak zeuden lekuan baizik. Aksel bezero bati zerbait ipintzen beste puntan zebilen. Egiten zebilena bertan behera utzi, eta Haakonssonengana hurbilduko zen. - Egunon, Ebbe; kafea? - Kafea. - Betikoa? - Bai. - Atoan! - Aksel! - Bai, Ebbe. - Kaffebrød bat. –Gose zara, ala? - hain itxura goibela zuela ikusita, zerbitzariak kafe-makinaren ondotik galdetuko zion. Haakonssonek ez zion erantzungo. Oso zegoen bere baitan bildurik. Une hartan, zaila zen Akseli entzungo zion ala ez jakitea. Harila biltzen edo askatzen ibili zen? Nork jakin. Kaffebrødari gogo onez haginkada itzela emango zion, eta, gozokia tamaina onekoa bazen ere, magoek ikusi-makusi esaten irauten dutena baino lehenago amaitu zuen. Bulegora paperezko edalontzietan beste bi kafe luze esku banatan, zeramatzala bueltatu zen, Gulbrandsen detektibearenera zuzenean egiteko. Bigarren kafea ezinbestekoa zuen laguntzailearentzat izango zen. Detektibearen langelara atea lepoarekin bultzatuz sartu zen. - Aizu, Dagny! –Kafez beteriko paperezko edalontziak esku banatan zituela zerbait agintzeko gogoarekin. - Zelan zaude, Ebbe? - Kafea ekarri dizut. - Oraintxe bertan nintzen horrexetan irtetekoa. Mila esker! Besoa zelan, Ebbe? - Ondo esan beharko. - Pozten naiz. - Ondo, pilulekin! - Horrela konpontzen bazara! - Aizu, bihar goizean, etxe horiaren atzealdetik fiordoaren ondoko kobazuloa begiratzera joan beharko zenuke. Goizez da itsasbehera, horregatik diotsut bihar goizean joateko. Zulo bat ikusten da uretatik gertu. Han egon naiz, baina ura sarrerako ahoaren erdi aldera helduta egon da, eta ez naiz jaitsi –Haakonssoni senak esaten zion bazitekeela eskuartean zeukatenari irteera emango zion hasiera izatea. Mementoz, ez zeukan besterik. Beste kontu guztiak zalantzazkoak ziren. Bazitekeen handik gauza garbirik ez ateratzea. Hori horrela gertatuko balitz berriro hasierara jo beharko zuten, baina, bederen, burutik kendu zuen. - Oso ondo, Ebbe, joango naiz. - Bon. - Lehen orduan? - Bai. - Eguna zabaltzen denean joango naiz. - Bon. - Beste gauza bat. - Zer? - Zientifikokoak bidali ditut zuk agindutako lekura. - Epailearen agindua azkar lortu duzu. - Bai, beste batzuetan baino arinago. - Gora begira, aspertuta aurkitu duzu, ala? - Hori izango zen. - Bon. - Ondo. Haakonsson inspektorea etxeratu zenerako orduak ziren jada gau zarratua egina zela. Giltza sarrailan sartu zuenean barrutik Daiak zabaldu zion atea. Esan bezala zeukan itxaroten, ez beti horrela egiten zuelako, hainbeste egun ikusi gabe izateagatik andreak biziki desiratzen zuelako baizik. Bi urteren bueltan aldizka izandako harremanak nahikoa ezagutza emana zion Haakonssonen gogo sexualak ondo ezagutzeko, eta ustez besteak espero zuen bezala zegoen noiz etorriko. Satin ehuntxoa zuen soilik alde desiragarria ezkutatzera, eta titiak airera. Haakonssonek kaixo esateko ere ez zuen betarik izan, Daia gainera etorri zitzaiolako. Musu sendoa izango zen, mihia gingileraino sartzerainokoa, gustukoa, beroa. Motxila lurrera erortzen utzi zuen, eta bi eskuekin ipurdi masailei sendoki helduz, bizkor egin zuten ohera, zalantzarik gabe luze joango zenaren seinalea. Daia samatik paparrera joango zitzaion ezpainak eramaten eta, aldi berean, arropak eranzten lagundu zion. - Zer duzu besoan, maitea? - bendari erreparatuz galdatu zion. - Ezer ere ez, zauritxo bat - balak sortutako urratu sakonari kasurik egin gabe erantzun zion. Elkar laztantzen jarraitzen zuten bitartean, Daiak prakak kentzen lagundu zion, eta, segituan, Haakonsson hasi zen besteak hainbeste desiratzen zuena egiten. Behatzetara jaitsi zuen ahoa, eta azazkalak azalarekin elkartzen diren gunetxoak musukatzen hasi zitzaion, leunki lehenengo, eta xurgatuz bezala ondoren. Oin bietan aritu zen. Gero, berna-bizkarretik, gozo-gozo, gorantz egin zuen, musukatu heinean mihi hezea baliatuz, txuaren arrastorik utzi gabe, aldizka kilima leunak suspergarri bezala erabiliz, etorriko zenari ongi etorria egitera bezala, eta, Daia ohean etzateko mugimenduan, belaunetatik gorantz joan zen izter batetik bestera eginez, alde beroa sudurrarekin ukitzeraino heldu zen arte. Gauzak hala, ahoa albora bihurtu zuen, izterraren barnealdean zupada-aztarna uztekoa izan zena, baina ez zen horretaraino helduko ezen trebeki zekien egiten, eta, denborarik galdu gabe, bi atzamarrak soilik erabiliz, satin ehuntxoa alboratu zion gogo morbosoarekin andrearen bagina musukatzeari heltzeko, alde bateko ezpainetatik besteetara eginez eta alderantziz, klitoria ahantzi gabe mihiarekin dantzatu heinean zupadak egiten zizkiola dardara zolia igarri zion arte. Orduan, supituki burua altxatuko zuen, eta andreari baieztapen erara esan zion: “Klitoria bai gauza itzela, e!” Ez zen beste hitzik entzun, eta, klitoria eta baginako ezpainak tartekatuz, bere horretan jarraitu zuen Daiak bere bi eskuak Ebberen belarri aldeetan jarrita goranzko indartxoa egin zion arte. Bi ahoak bat egiteko gonbita zen. Txingar-musu indartsuan elkartuko ziren, Daiak desiraren desesperantzan erabili zuena gogoz esateko “orain maitea, ezin diot eutsi, sartu orain. Barruan sentitu nahi zaitut!” Gizonak emakumearen eskaera erregu erara ulertu zuen eta, men egiteko apur bat apartatu ondoren, ipurdi aldean zapladatxoa eman zion, emakumeak ulertuko zuena lau oin erara ipintzekoa zela, eta zaldiak behor beroari egiten dion erara sartu zion aitzurraren kirtena bezain gogor ikusten baitzen. Kolpea, bortitza, basatia izan zen, animalien erakoa, eta denbora, konturatu gabe, airean desegitekoa, urruma eta hatsanka artean dantzan ibili zen. Sorbaldako zauria min ematen hasi zitzaion. Medikuak emandako flaskotik atzamarrekin bi pilula hartu zituen ahora sartzeko. Jarraian, sukaldera zuzendu zen iturrian basoa betetzeko, eta pilulak irentsi zituen. - Zeozertxo afaltzeko? - Bai, zeozertxo. Afaria berotu artean mahaia ipiniko dut. Daia, ardoa zuria ala beltza? - Arraina. - Usaindu dut. - Zuria? - Hori espero nuen. - Aizu, Ebbe, iluntzean honantz nentorrela aurpegi arraroa zuen batekin gurutzatu naiz. - Marrokia? - Ez, beltza. - Ba al da ba beltzik zuon auzoan? - Hi, ez hadi adarra jotzen hasi, gero! Sobera ere badakik; han akaso arabiarren bat, beste guztiok beltzak gaituk. - Txantxa bat da, ez besterik. - Horixe ere ez! - Bon. - Bai. - Automobilez? - Bai. - Zure auzoan esan didazu, ezta? Søndre Nordstranden, ezta? - Bai, eta aurpegia ez zait bat ere gustatu. - Zein auto zeraman? - BMWa - Kolorea? - Beltza. - Matrikula? - Arinegi joan da, eta gainera, bihurguneetan izan da. - Lasai, bagabiltza zerbait egiten eta. - Ea ba! - Bon. Leihoaren kanpotik, itsasoak irabazitako glaziarraren bidetik, trumoiak lagun zuen lanbroak aurrera egiten zuen, errukirik sumatzen ez zitzaiola. Ziur aski, Thor handiaren armada gainean zuen laino zarratua izango zen, inguru izugarria trosta motelaren hotsak oro blaitzen zuela, inongo aurkariren beldurrik izan gabe. Hain tamaina handiko indarrek etxe barruan gordetzera gonbidatzen zuten, bertako epeltasuna desiratuz. Haakonssonek ardo zuriari zurrupada txikia eman zion. Kristalaren beste aldetik, dena berdintzeko nahia agerian uzten zuen gudarosteak, urratsa irmo, aurkitzen zuen oro ezabatuz, nekerik gabeko bidean aurrera egiten zuela ikusi zuen. Fiordo neurrigabean nabarmen hedatzen zirenak tamaina handiko indarrak ziren, munduaren azken borondateak bailiran. bost Goizeko hamaikak ziren Oslo baketsuan. Bezperakoaren irudiko argitu zuenetik, gorabehera handirik gabe, eguna aurrera zihoan bertakoei tenperatura egokia eskainiz. Hego ukituarekin errusiar haizea motel antzematen zen zeru barreneko hodeiak leunki mugituz mendebalderantz. Argitasuna betikoa. Ez zegoen. Norak, hain zuzen ere, horrexen falta nabaritzen zuen gehien, nahiz eta jakin bazekien, bertakoek ziur ez zutela bestelakoren beharrik. Edo bai. Zalantza egin zuen. Zabalguneko karriketan, aspaldi nagiak aterata zebilen jendea ibilera frenetikoan ikusten zen, batetik bestera gelditu gabe, nora joan behar zuten argiegi jakingo ez balute legez. Berriketa entretenituari etenik egin gabe adineko emakume bi erakusleiho baten aurrean barruko salgaiei erreparatzen. Alboan, txakurra erabat biribilkatuta lotan zuen eskaleak hiru pilotarekin malabarismoak egiteko ahaleginean ziharduen, bere ondotik igarotzen zen edonori txanponen baten erreguzko eskaeran; goizegi izango zen berarentzat, ezen bitik behin pilotak lurrera joaten zitzaizkion. Kale gurutzean, garagardo kamioia geldituta. Gidaria tabernatara aluminiozko upelak eramateko zama jaisten zebilen besoak garbalduta, izerditan, eta ernegaturik zebilela ematen zuen. Alemana zirudien jubilatu bikotea alboei begira interesaturik zeuden, andrazkoak eskuetan zuen mapari aldizka begiratuz. Txinatar talde nahiko handia argazki-makinekin noranahi klik egiten; txinatarrena ohikoa zen. Norarentzat bertara moldatzeko lehen egunak ziren, eta zer hobeagorik arrotza zitzaion hiria ezagutzeko bazterrak begiratzen denbora ematea baino. Bertara heldu ondorengo hirugarrena zuen, nahiz eta, itxura batean, hamabigarrena zela irudikatzen hasita zegoen. Goiz hartan, sentipenak eta sentimenak nahi gabe kontrajarrita esnatu zitzaizkionak, borborrean zituen. Zalantzak ere berdin, gainezka. “Agindutako lana egiteko gai izango ote naiz?” galdera buruan bueltaka jarri zuen larri sentitzeraino. “Edo egingo dudana huskeria batean geratuko da?”, hori oraindik okerragoa iruditu zitzaion. Nolanahi ere, zalantzak zituen, eta une hartan ez zitzaion ezer okerragorik iruditu bere lehen eremu-ikerketan zalantzak izatea baino. Inolako ahaleginik gabe, supituan gogora etorri zitzaion behin irakasle batek ikasgelan botatako esaldia: “Zalantzak hil egiten du!”. Baina berak baieztapen hori entzun zionean, isilik geratu bazen ere, beste bat ekarri zuen gogora: “Zertan bihurtzen da zalantzarik gabeko pertsona?”. Nolanahi ere, ofizioa ikasi berriengan maiz izaten dena gertatzen ari zitzaion, eta, jakina, aurrean egokitu zitzaizkion bi irtenbide posibleetatik bat aukeratu bitartean pairatu behar zuen. Edonola ere, agindutako lana bertan behera uztea ez zitzaion zentzuzkoa iruditzen, eta bigarrena izan zen, alegia urrats bat egitea, kostata ere, egin beharko zuena. Azken hori izan zuen arrazoimenak eman ziezaiokeen jarraitzeko gomendio bakarra. Bestea, beroaldiak eman ondorengo irtenbidea izan zitekeen, edo gerta zitekeen baita, denbora asko hausnartzen eman ondorengoa ere izatea. Baina ez zen kasua, urrats bat egitea zen irtenbide aproposa. Ahoskatzea ere zail egiten zitzaion kaleko arrantzaleentzako horniketa dendaren aurrean, azken boladan egon zitekeen arraroen sentitzen zen. Hain egoera bitxitik ateratzeko bulkada bezala etorri zitzaion telefonoaren dardara. Deia bertan behera uzteko gogoa ere sartu zitzaion, eta, unetxo batez zer egin behar zuen zehazki jakin gabe, ezbaiari baiezkoa emanez, pantailan nor zen begiratu gabe erantzun zuen. - Bai? - ahotsa korapilatuta, ulertezin bezala atera zitzaion. Eztul leuna eginez garbitu zuen. - Nora? - bere izen propioa aditu zuen telefonoan. - Bai. - Ondo zaude? - Bihon zen. - Bai, egunari eusten. Esadazu! - Bihon zela jakin zuen. - Arraro sentitzen zaitut! - Zalantzak bueltaka, baina lasai, ondo nago, zalantzak izatearren ez naiz hilko eta. Esan. - Beno ba, nire lagun ohiarekin hitz egin dut, eta arratsaldeko seietarako geratu gara bere etxean. Ondo datorkizu, ezta? - Bai, primeran! - Ni ordu erdi lehenago-edo helduko naiz etxera. Biok elkarrekin joango gara motoz, ondo? - Bai, oso ondo. - Ziur ondo zaudela? - Bai, bai. - Orduan, arratsaldera arte, bai? - Bai, tira! - Agur. - Adio, arratsaldera arte. Telefonoz hitz egin zuen heinean, Norak aurrerantz jarraitu zuen karrikan, eta konturatu gabe, Bihonekin bizi zenera helduta zegoela jabetu zen. Gibelean zuen liburu-denda ezaguna egin zitzaion, eta une hartan presazko egitekorik ez zuenez, zalantzak uxatzeko zer hobeagorik liburu artera sartzea baino. Mahaietan bata bestearen gainean pilatuta zeudenekin hasi zen, eta ezer ulertu ezinik derrotean azalak nolakoak ziren begiratu ondoren, polizia-liburuak zeuden atalera zuzendu zen. Ez zuen aurkitzen. Galdetu zuen non zeuden, eta ea ingelesera itzuliak ere bazituzten. Bai. Baiezkoa. Baietz. Liburu-saltzaile ziren bi andrazkoek aldi berean zerbait bazeukatela erantzun zioten. Han bai, han eman zuen denbora. Halakoak ziren bere espazio sekretuak. “Ez naiz honaino John Banvillen liburu bat erostera etorri” gomutatu zuen, eta begiratua ematen denbora luze joan zitzaion, ohartu gabe bezala-edo. Bere saltsan zegoen. Ingelesera itzulita zeuden Anne Holt, Unni Lindell, Jo Nesbø eta Karin Fossumenak zituen esku artean. Sinopsiak irakurtzen zegoen, lasai, gozatzen. Ez zeukan presarik. Oraindik irakurri gabe zuen Karin Fossumen Emakume bat zure bidean titulua zuena erakargarria iruditu zitzaion. Lehen orrian geratu zen harrapatuta. Jada azpikeriak soilik izaten dituzten horiek ez zitzaizkion bat ere laket. Polizia-nobela bat irakurri nahi zuenean zerbait gehiago eskatzen zuen. Eskuartean zuena, nahiz eta oraindik bigarren orrian zegoen, atmosfera bereziko thrillerra, eta gainera, xurgatzailea ere bazela iruditzen zitzaion. Erosi zuen. Kale bereko janari-dendan hiru-lau gauza hartu ondoren, etxerantz bueltatu zen artean bazkal ordua etortzeke zela, baina denbora izaten zuenean bederen, janaria prestatzea ere gozamena iruditzen zitzaion. Atarira heltzekotan zenean, pakistandarraren dendaren ateetan gutxi gora behera jabearen neurrikoa zen emakume bat zegoela ohartu zen; itzela. Otu zitzaion zerbait behar zuela. Hurbildu zitzaion eta: - Hello! - Kaixo! - Nora nor zen jakin gabe, emakume ezezagunak euskaraz artatu zuen, eta nola gainera! - Hemen, Oslon, ez nuen uste nik euskaldunik aurkituko nuenik, baina hau poza! - Zein txikia den mundua, ezta? - Eta zer egiten duzu zuk hemen? –Norak, oraindik harrituta. - Erraza erantzuna: hemengo jabearen emaztea naiz. Orain nik ere galdera bera egin beharko nizuke - andre euskaldunak. - Istorio luzea, akaso zurea bezalakoa? - Baliteke! - Egia esan, nirea ez da hain luzea, lan bat egitera bidali naute. - Nirea luzeagoa orduan –pakistandarraren emazteak ahoan paleta falta zuen, baina oso atsegina eta alaia zen, euskaraz artatzen. Norarentzat egun guztiak ziren Aberri-egunak, baina laster Aberri Eguna zetorrela eta, aukera paregabea aprobetxatuz, ikurrina erostera sartu zen barrura. Finean, han, Oslon, euskaldunak ere bazirela eta, bertakoak jakitun izan zitezen ikurrina jarri nahi zuen zazpi balkoietako batean. - Ikurrina bat nahi dut, ba! - Denak dira tamaina berekoak. Hotelen batean zaude, ala? - pakistandarraren emazteak galdetu zion, han, Oslon, euskaldunarekin berriketari jarraipena emateko irrikaz, nolabait han maizago euskaldun batekin topo egitearen mira izango balu bezala. Nabarmen nabaritzen zitzaion euskaraz mintzatzen gozatu egiten zuela gorputzeko zelula guztietan. - Ez, hortxe, hirugarrenean nago lagun batekin! - Bihon irakaslearekin? - Bai, ezagutzen duzue, ala? - Zelan ez dugu ezagutuko ba! - Hau ere kasualitatea!, - Norak. - Zein ondo! Asko maite dugu Bihon! Etxeko dugu! - Adiskide mina da! - Bai, ezta?, ez da izango ba! Bihon oso estimu handian daukagu! Izan ere, handik lasterrera, inguruko tabernaren batean kafea edan berri, pakistandarra heldu zen, eta 23,60 nok merkeago egingo zion, gutxi gorabehera, 2,50 euroko deskontua. Haakonssonen aginduei jarraikiz, Dagny Gulbrandsen Søndre Nordstrand auzoko etxe horiaren atzealdetik fiordora ematen zuen kobazulora joango zen gainbegiratua ematera. Atzealdera heldu zenean, sagarrondoen inguruan, batetik bestera zer aurkituko bazterretan zokomiran aritu zen. Etxeak, errepidearen aldetik hesia eginez haritzak, lizarrak, hurritzak, zumarrak, astigarrak, ezkiak eta izeiak zituen. Mendebalderantz, ertz egiten zuen tokitik fiordorantz zihoan aldean, urkiak, haltzak eta makal zuriak. Zuhaitz haiek guztiek ez zuten uzten auzoko gainerako etxeak ikusten, eta aldi berean, babes leku itzela eskaintzeaz gain, ezkutatzeko txoko paregabea oparitzen zuten. Ez zen etxera sartu. Belarra zapalduta zuen oinbide hezeari jarraikiz uretarantz zuzendu zen. Bere oinetan lurra bigun aurkitu zuen. Apenas hirurogei pausu eta labarrera heldu zenean, Haakonssonek esan bezala, beherago kobazuloko sarrera ikusten uzten zuen itsasbehera zegoen. Handik goitik, detektibea zegoen lekutik begiratuta, ez zuen handia ematen. Jaitsi zen. Sarrera apenas bera baino garaiagoa. Urak jandako arrokak bi eskailera maila egiten zituela ohartu zen, nolabait barrura sartzeko gonbitari muzin egiteko ohartaraziz. Sartuko zen. Barrualdea ez zen oso handia, akaso dozena erdi pertsona eroso egoteko bestekoa. Lata huts batzuk nahasian, eta lurrean sartutako hesolari lotuta zabor poltsa beltza. Barruan zerbait zeukan. Instintiboki latex eskularruak ipini zituen, eta, nola zegoen lotuta begiratu ondoren, bitan pentsatu gabe, zabaldu zuen, eta barruan jaki latak aurkituko. Segur aski norbaitek larrialdi baterako han beren beregi ipinitako jakiak ziren. Arazoa aztertuta. Plastikozko poltsa aurkitu zuen bezala uzteko korapiloari bi begi egin zizkion. Nahikoa zekien. Norbait zerbait egiteko prestaketak egiten zebilen, edo horren antza hartu zion; bestela, zertarako? Haurrak jolasteko? “Beno, hemengoa egin dugu, nahikoa dakigu, eta orain, bulegora” pentsatuz, handik autoa utzi zuen lekurantz zuzentzeko bere oinetan bira egin zuen. Haakonsson taldera praktikak egitera etorri berriarekin Maryren lankideari galdeketa egitera banketxera oinez joan zen, bulegotik bi etxadi albora baitzegoen. Lovise aurkitzea erraz egin zitzaien, ezen sartu eta bost eskailera maila igota, eskuinetara zegoen mahaiko mendekoari galdetu baino ez zuten behar izango. Nagiturik zegoen adin ertaineko gizona. Nekez zutitu zen. Zirudienez, zapatak erdi narras eramateko ohitura zuen, eta horrek, jakina, itxura baldarra ematen zion. Horregatik, inspektorea eta Waldemar Lovise zegoen lekura laguntzeko etenak eta bi behar izan zituen. Emakumea bere lanpostuan zegoen, aurrean zuen ordenagailuan datuak sartu eta sartu. Gogoa alhan, mahai gainean zituen orrietara soilik begiratuz heinean teklatua erabiltzen zuen, inguruan biribilean jarrita zeuden hiru-lau lankideen ele-meleei kasurik egin gabe. - Lovise? Haakonssonek aurpegian irribarrerik gabe galdetuko zion. - Bai, ni naiz. - Haakonsson eta Waldemar gaituzu. Mary Nicizanyeri buruzko galdera batzuk egitera gatozkizu. - Haakonsson inspektorea, ezagutzen zaitut - Lovisek. Haakonssonek bera nor zen azaltzeko ez zuen beste ezer egin beharrik izaten. Aspaldikoa zenez kontua mundu guztia zegoen jakinaren gainean. Ospea eta aintza arrantzalearen semearen kasua argitu zuenetik zetorkion. Orduko kasuak Osloko biztanleria zur eta lur utziko zuen. Erabakitasun handiz eginiko lana izan omen zen, egunkari zein telebista guztietan mendiko etxolatik mutila ekarri zuen salbatzaile bezala agertu zen eta. Orduz geroztik, ez zen Oslon egongo, bertakoen zein kanpoko etorkinen artean, bera ezagutuko ez zuenik. Handik aurrera, norbaiten aurrera agertzen zenean, soilik esaten zuen bere abizena, nor zen argitzeko gehienetan ez baitzuen beste beharrik izaten. - Zerbait gertatu zaio, ala? - Lovisek aurpegian galdera ikurra jarrita itaundu zion. - Desagertu egin dela. - Atzo deitu nion, eta telefonoak itzalita edo estaldurarik gabe dagoela erantzuten du. - Bai, horrela da. Nola konpontzen zara berarekin? - Haakonssonek orain aldian jarri zuen esaldia, oraindik ez baitzuen Mary Nicizanye hilik zegoela argitzea nahi. Orain aldian lan egitea erosoago egiten zitzaion; errazago aurrean zuenari zerbait ateratzeko, lehen aldiak defentsak bizkortzen zituela uste baitzuen, bestea alerta-gorrian ipintzea bezala-edo. - Maryrekin ondo konpontzea oso erraza da. Horko mahai horretan lan egiten du. Oso langile ona eta lankide hobea dela esango nuke - Lovise ez zegoen ezeroso, baina eroso ere ez. Lasai zegoela ematen bazuen ere, itxura zaintzean jartzen zuen arreta. Mary Nicizanyek zerbait egiteko, egun pare bat-edo hartuko zuela pentsatu nahi zuen, lanera hurrengo egunean bueltatuko zela sinetsita, baina han, bere aurrean, inspektorea zegoen. - Asteazkenean etorri zinen lanera? - Bai. - Lanaldian ezer arrarorik susmatu zenuen? Hemen esan nahi dut? - Hemen ohiko eguna izan zen. Denak dira berdinak. - Eta bera beti bezala ikusi zenuen? - Bai. Ez nuke esango pertsona sentibera denik, egun batetik bestera umorea aldatzen zaien horietakoa; aldiz, esan liteke zerebrala dela. Hemen gauden guztiok egun osoa ematen dugu zenbakiekin, eta azkenean aurpegia ere zenbaki bihurtzen zaigu. Ez zaigu nabaritzen? Inspektoreak entzungor eginez berean jarraituko zuen. - Lanetik kanpora badaukazu traturik berarekin? - Bai. Noizbehinka geratzen gara kafea edateko eta horrela, edo gu bere etxera joaten gara, edo bera semearekin etortzen da gurera, afaltzeko-eta geratzen gara. Nire seme-alabak Yamweziren adinekoak dira biak. Bikiak ditut. - Bon. Lanean badu gorabeherarik norbaitekin? - Ez. Aldi berean hasi ginen biok lanean. Ezezko biribila esango nuke. Sekula ez dut ikusi inorekin errietan, eta gainera eztiki hitz egiten du. Oso andere otzana dela esango nuke; zerebrala eta aldi berean otzana. - Eta hemengo arduradunekin? - Hemen denok men egiten dugu. Esaten digutena egiten dugu eta kito. - Badu hemengo arduradunen batekin harreman pertsonalik edo? - Ez dut uste, inoiz ez dut horren susmorik hartu behintzat. - Eta hemendik kanpo? - Eredua da guztiontzat. - Eta semearen aitarekin? - Sekula ez dugu horri buruz hitz egin. Ez dakit norbaitekin izandako sexu-harremaneko semea den, edo intseminazio artifizialekoa. - Bon. Oraingoz nahikoa da. - Badakizue non nagoen. Besterik behar baduzue, deitu edo etorri - Lovisek gehigarri bezala gaineratuko zion. - Mila esker. - Ez dago zergatik. Horretarako gaude. - Agur. - Adio. Hamabiak aldera, Haakonsson unibertsitateko hizkuntzalariarekin bideokonferentzia izatekoa zen. Unibertsitatera ere joan zitekeen, edo kafetegiren batean geratu, baina zergatik ibiliko zen batetik bestera, kontu batzuk bulegotik bertatik argitu zitzakeen eta. Olerkiaren itzulpenaren hizkuntza kirundia zela baieztatzea nahi zuen. Bai, Mwezi andereak horixe esan zion, baina berak beste iturri bati jarraituta baieztatu behar zuen. Bezperan postaz agindua zion olerkia, eta hizkuntzalariak erantzuna hurrengo egunean emango ziola ziurtatu zion. Honela zioen olerkiak: Sustraien jatorria ororentzat ezezagun den haizeak astindutako arbolan, lantza batez zauriturik, Odini errezuan, ni neu neure buruarekiko eskaintzan, bederatzi gau luze eskegi nituela Badakik. Ez zidaten ogi apurra ez eta edatekorik eman, sakonera begiratu nuen, Errunak hartu nituen, garrasika hartu ere, eta gero kolpean jausi nintzen. - Kaixo, Erland. - Zer moduz, Ebbe? - Ondo, ondo. Zu ere bai, ezta? - Bai, bai, ondo. Aizu, irratian entzun dut gertatu zaizuna. Zauritu egin zaituzte, ezta? - Bai, baina soilik azala urratu, besterik ez. Mila esker galdetzeagatik. - Zer gutxiago, ezta? - Bon, ba, zu agurtzeaz gain, kontsulta bat egin nahi nizuke. - Bai, aurreratu didazu telefonoz. Hori da, ezta? - Horrela da, bai. - Atzo zabaldu nuen posta, eta begirada bat eman diot. Gure poesia epikoa itzela da, ezta? - Bai, horixe da hitza, itzela - Haakonssonek hizkuntzalariari ihardetsi zion. - Ba, Ebbe, zuk aurreratu bezala, hizkuntza kirundia da. Zure zalantzak argituta? - Bai, horixe zen behar nuena. Kirundia, Burundiko hizkuntza ofiziala, ezta? - Bai, horixe da! - Besterik ez. - Esku artean kasu zaila? - Beno. - Afrika aldetik datoz zantzuak, orduan? - Ikusi behar. Oraindik goizegi da ezer esateko, eta horregatik alde guztietara gaude begira. - Ederto. Besterik behar al duzu? - Ez, Erland, mila esker. Horixe izan da dena. - Beste ezer beharko bazenu, deitu. - Ederto. Mila esker berriro ere. - Ez horregatik. - Gaineko egunen batean kafea, ados? - Oso gustura gainera! - Adio. - Agur, bai, agur. Haakonssonek itzali zuen aplikazioa eta telefonoa hartu zuen psikologo andreari deitzeko. Sakatu zituen zenbakiak. Sorbaldako zauriak ez zion bakerik ematen. Medikuak emandako flaskotik pilula bi eskura bota zituen, eta jarraian ahora sartu ondoren, mahaiaren aldamenean zuen ur botilatik zurrutada luzea emanda irenstekoak izan ziren. Ura ahotik sabelerako bidea hartuta joan bazitzaion ere, apurra okerreko bidetik, eta eztulka hasi zen aurpegia gorritu arte. Itotzeko zorian izan zen, nahiz eta azkenean bere onera etortzea lortu zuen. - Bai - erantzun zuen beste aldekoak. - Hildegarde! - oraindik, nolabait, ahots- galerarekin, normal hitz egitea kostatzen zitzaiola. - Bai. - Ebbe. - Egunon-edo, eguerdion-edo, Ebbe. - Baita zuri ere. Aizu, Hildegarde, libre al zaude? - Ahots barik geratu zara, ala? Ez da izango nigatik? - Ez, ondo nago. Ur apurra okerreko bidetik joan zait. - Hori bakarrik bada, ez da asko. - Libre al zaude? - Ez banengo ere berdin. Lehentasuna daukazu. - Mila esker. Oraintxe noa. - Ez, Ebbe, neu joango naiz zure langelara. - Ez, maitea, besaulki madarikatu honetatik ipurdia altxatu behar dut, bertara josita daukadala pentsatzen ari naiz eta. - Ondo dago, nahiz eta niri ere gauza bera gertatzen ari zaidan. - Zuri ere gauza bera? - Bai. - Goazen ba orduan kafe bat edatera, on egingo digu eta. - Ideia ona. Oso ondo. Sarreran itxarongo dizut. - Oraintxe noa. Hura ez zen Haakonssonentzat egun astitsua izango baina bi gauzak aldi berean egiteko aukera izanik harrera-gunera berehalakoan helduk zen, Hildegarde baino lehenago. “Kaixo, zelan doa dena?” - sarrerako mostradorekoei aurpegira zuzen-zuzen begiratuta irribarrez esan zien. Kalera ateratzeak beti pozten zuen. Bere eskuetan egongo balitz, egun osoa emango zukeen kaleetan gora eta behera. - Dena ondo, Ebbe, mila esker - zaharrenetariko emakumeak adeitsu erantzun zion. Besteek euren kontuetan ziharduten, eta ez zuten begirik altxatu. Erantzun zionak gazterik atera zituen oposizioak, eta geroztik han zegoen; leku berean. Ondo zeraman lana. Laster jubilatu behar zuela eta, gaia ateratzen zenean penaz hitz egiten zuen. Ez zuen erretiratu nahi. Lanean jarraitu nahi zuen. Berarekin batera zebiltzanei ulertezina egiten zitzaien halakorik irudikatzea ere. Ezin zuten sinetsi euren lankide batek jubilatu nahi ez izatea. - Zer, bagoaz? - psikologo andreak esaldia botatzerakoan eskuarekin gerrian fereka leuna eginez ahots goxoz gibeletik esan zion. Begiz jota zuen, eta, horregatik, berarekin egoten zen guztietan haur mizke haziari bezain ondo esaten zion. - Bai, goazen! - Bai. Ebbe, ikusi zenuen atzo gaueko filma? - Kafetegirantz oinez zihoazen. - Barkatu, Hildegarde, deia erantzun behar dut, telefono mugikorra sokorruka daukat eta - psikologo andreak ez zion ezer esan. Isilik geratu zen, baina inspektoreak gutxietsiagatik muturra okertuta. Gulbrandsen detektibea zen. - Bai, Dagny, esadazu. - Aizu, Ebbe, non sartu zara? - Bulego inguruko kafetegian, Hildegarderekin kafea edaten; beno, edaten ez, horretara goaz, edatera. Zer behar duzu? Erdu nahi baduzu. - Ez, oraingoz kafearen neurriak maila onean ditut. - Bon. - Zientifikokoek eman dizkidate atzokoaren xehetasunak. - Non zaude? - Neure langelan. - Laster noa. - Ondo. - Agur. - Bai - detektibeak agur gisa. - Barkatu, Hildegarde, zeri buruz genbiltzan? - Galdetu dizut ea atzo gauean telebistan eman zuten filma ikusi zenuen. –muturra lasaitzen zitzaion heinean jarrera ere aldatuz zihoan, ezen inspektorea Gulbrandsen detektibearekin elkarrizketa izateko ez baitzen bere ondotik aldendu, nolabait bera ere partaide izateko gonbita eginez. - Filma? Filma ikusteko moduan nengoen ni! Leher eginda heldu nintzen etxera eta! - Se deg ikke tilbake! Ez begiratu atzera - bota zuten. - Ez al da ba hori Karin Fossumen eleberria? - Bai, filma bere nobela horretan dago oinarrituta. - Ikusita daukat. - Noiz? - Estreinaldian ikusi nuen. - Zineman? - Bai, ba! - Gonbidapenarekin? - Noski! - Bazara norbait! - Ez da hainbesterako. Sarrerak sobera izango zituzten, eta debalde eman behar. - Ziur ez dela horrela. - Ez dakit ba. - Zein trebea den azalpenak egiterakoan, e? - Gustuko dut berak ematen dion intriga. - Eta korapiloa, zein ondo eratzen duen, ezta? - Ez hori bakarrik, konturatuta zaude zein trebea den irakurlearen interesa hasieratik amaiera arte mantentzeko? - Eta pertsonaietan zelan sartzen den? Azaleko itxuratik barruraino zelan joaten den, ezta? Kafetegira heldu ziren. - Ebakia? - Haakonssonek Hildegarde psikologo andreari galdetu zion. - Ez, kafesnea. Aker jatetxean elea egiten zuen mostradorearen alderik laburrenean zeuden; sarrera aldean. Bulegoaren alboan zegoen hotelaren aldameneko taberna zen. Zerbitzaria hurbildu zitzaien eta, “Haakonsson jauna, betikoa?”, goizeko txandan beti egoten zen Aksel mutilak esango zion. Ohi bezala zegoen, beti adarra jotzeko prest, baina oraingoan manerak zaindu zituen. - Bai, Aksel, niretzat bai, eta Hildegarderentzat kafesne bat. Horixe bakarrik. - Oraintxe bertan, jauna! - Zer diostazu olerkiari buruz? - gaia supituki aldatu zuen. Haakonsson ez zen hitz egin eta hitz egin ibiltzen zen horietakoa; alegia, berriketa hutsa bizitzeko era bakarra dela uste duten horietakoa. Buruan zerbait izaten zuenean, harako bidea zuzenean egitea izaten zuen gustuko. Ez zitzaion laket adarretatik hara hona, zuhaitz batetik bestera, asperraren beldurra zer den jakin gabe ibiltzea, azkenean izaten den denbora apurra zapuztuta amaitzeko. Zirt edo zart egitea zen bere jokabidean zegoena. Horrelakoa zen. - Bai. Badirudi zerbait ikaragarria gertatuko delako susmoa duela, nolabait etortzekoa denaren bihozkada izango balu bezala. Badakizu, pertsona batzuek izaten dutela etorkizun-sena, gertatzear dagoenaren etorkizun-sen berezia; etorriko dena usainduko balute bezalako zerbait izaten dute. Ez daukat inolako zalantzarik emakume hori itzelezko trantzean izan dela. Bizirik dago? - Ez. Erail dute. - Lubakian agertutako afrikarra? - Bai. - Hauxe bakarrik aurkitu diozue, edo badago honelako gehiagorik? - Ez, hauxe bakarrik. - Kontua badakizu nondik doan, ezta? - Gutxi gora behera. - Ba, pertsona gehienek zerbait izan den edo izango den susmorik ez dutela izaten. Hori horrela da. Hori da ohikoa. Baina badaude batzuk hori, ezkutuan dagoen hori, sentitzeko ahalmena dutenak. Pertsona berezi horiek bihozkadak izaten dituzte. Sarritan amestutakoarekin nahasian agertzen zaie, eta, behin gertatu ondoren, eurek izandako bihozkadarekin konturatzen dira. Horrelakoek garuneko eskuineko hemisferioa bestea baino garatuago izaten dute. Alde horretan intuizioko kontuak, sormena edo eta ikurrak izaten dira gobernuan dabiltzanak. Horregatik pertsona horiek ikusten ez den errealitatearekin erraz-erraz lotzen dira. Errealitate hori ia-ia ukitu egin dezakete, guk baino askoz errazago, jakina. - Horrelako zerbait irakurria nuen, nahiz eta ez dakidan noiz eta non. - Ziur naiz lubakian hilik agertutako emakumea horrelakoren bat izango zela. - Baliteke. - Ba, esandakoa bakarrik esan diezazuket. Ez da gauza asko baina baliagarria bazaizu... - Bai, nahikoa dut. - Alde psikiatrikotik begiratuta, olerki horrek esan nahi duenaz hitz egin diezazuket. Baina, ez dakit ba, baliagarria izango zaizun. - Ez, esan didazunarekin nahikoa dut. - Aizu, Ebbe, eta zu zer? - begietara leunki begiratuz, eta, mozolo aurpegia ipinita, Hildegardek galdetu zion. - Ni, zer, zer? - Gauez zer egiten duzu? - Lo!, maitea. - Nahi izango bazenu, badakizu... - Baina Hildegarde, panpoxa, zuk uste duzu ni horretarako nagoela... - Oraindik gazte zaude. - Gazte! Bai, jakingo bazenu! Eta zure bikotekideak zer dio? - Ezer ere ez. Harremana eten dugu. - Nola da hori? Ez zineten ba ezkontzeko? Zer gertatu da neskatoarekin? Zu baino hamar urte gazteagoa zen, ezta? - Aspertuta nengoen. - Zenbat zituen, hogeita bost? - Hogeita sei. - Eta orain nirekin nahi al duzu? Uste nuen emakume zalea zinela! - Zurekin zein edonorekin. - A! hori ez, maitea! Ni ez naiz sukaldeko sorkia bezala erabiltzekoa! - Ez, kutuna. Zurekin ibiliko banintz zurekin bakarrik izango litzateke, ez beste inorekin. Badakizu zurekin nahikoa eta sobera izango nukeela. - Hirukoterik ez, beraz? Ze pena! pozten hasia nintzen. - Joan hadi pikutara! - Txantxa bat da, bihotza! - Beno. - Behin izan nuen harreman egonkorra. - Emaztearekin? - Bai. - Gutxi iraun zuen? - Apenas bi urte. - Semea jaio eta berehala, orduan? - Semeak urte bete izango zuen. - Zer gertatu zitzaizun? - Etxetik bota ninduela. - Etxea ez zen, ba, zurea? - Bai, baina emaztea eta semea, badakizu. Gauza materialei sekula ez diet atxikimendurik izan. - Lana, erruduna? - Zalantzarik gabe. Gure lanak ez du ordutegirik eta horrek dena trabatzen du. - Hori kudeatzea oso zaila da, ezta? - Ez izan zalantzarik. Batzuetan goiz, beste batzuetan berandu, askotan lorik ere ez, maiz estresa... Kudeatu ezazu hori. - Zaila. - Zaila ez, maitea, ezinezkoa! - Beno, baina pentsatuko duzu esan dizudan horretan? - Hildegarde, ezinezkoa egingo litzaidake harreman egonkor bat hasi behar dudala pentsatzea ere. - Larrutan egiteko? - Ez dut zalantzarik primerako maitalea izango zinatekeela! - Noizbehinka? - Noizbait. - Bulegoan? - A, ez! Bulegoan ez, zure lurrinarekin dena blaituko zenuke! - Ez dut lurrinik ematen eta! - Bai, zure gorputzaren lurrina! Bulegora sartuko nintzatekeen bakoitzean zu zeu usainduko zintuzket, eta hortxe amaituko litzateke nire askatasuna. Ez, laztana, bulegoan ez! - Autoan? - Hildegarde, gu ez gaude horretarako! Ez duzu ikusten nire neurriak zelangoak diren, ala? - Ebbe, zein ondo hitz egiten duzun! - Ez esan horrelakorik edo gorrituko nauzu! - Ai, maitea, tantakadaka jarri nauzu! - Ez da hainbesterako izango! - Baietz, ba! heze jarri nauzu! Goazen komunera! - Lehen aldia? - Bai zera! - Lasaitzen nauzu! - Zer uste zenuen, lekaimea nintzela? - Bai zera! Lantokirako bueltan, Hildegarde psikologoak berriketari ekiteko gogoaz ustekabeko kontua atera zuen. - Badakizu antigoaleko gauzak izaten dituzten denda horietako bateko erakusleihoan urrezko letra larriz idatzia zer irakurri dudan? - Gauza bitxia, ziur! - Inondik inora ere ez zenuke asmatuko. - Saiatu naiteke. - Mozolokeria hutsa da. - Bota, ba! - Neska obedienteak paradisura doazela, besteak eurek nahi duten lekura! - Irribarrea sortzeko karga ederra! - Bai. - Eta zu? - Zalantzarik? - Ez. - Ba horixe, nahi dudan lekura! - Morokilen kontuak doaz hortik, ezta? - Perpaus konpletibokoa bai, baina morokiletatik harat doan kontua da. - Horien lurraldean emakumeen askapena noizko? - Puf! - Eta gurean? - Puf! - Gizonak askatu beharko genituzke lehenago? - Ez. Aldi berean egiten da, edo jai daukagu. - Berriro eskolara joan beharko dugu? - Bai. - Matxismoa, mobbing-a, handinahikeria, arrazakeria, erlijio diskriminazioa, eta nik zer dakit zer gehiago. A zelango gizartea egin dugun, ezta? - Zeuk diozu! - Norberarengandik hasi behar, ezta? - Horixe preseski! Harrera gunean bi emakumezko zeuden bakoitza bere salaketa jartzen. Bata, adindua, etsita zegoen, bere txakur txikia desagertu zela eta ea poliziak ez zuen ezer egin behar galdezka. Gurpilek kirrinka egiten duten bezala ahotsa gorenera botata hitz egiten zuen. Bestea, norbaitek etxeko lanpasean metalezko kutxa gorri hutsa utzi ziola, eta kezkatuta zebilen zer edo zer adierazten zuen jakin nahian. Hildegardek musean dupleen keinua eginez inspektoreari begiratu zion, eta aurrera egin zuten. Bakoitza bere langelara egiteko zenean Haakonssonek galdera bota zion: - Hildegarde, zer da kutxa metalikoaren kontu hori? - Zaraten kontutik etorriko da. - Zelan da hori? - Goikoak bekoa, edo behekoak goikoa, edo biek ezin dutela besteak etxean egiten dituen zaratak jasan. Auzoen arteko matraka dela esango nuke. - Eta kutxarena? - Batak bestea beldurtzea nahi duela esango nuke. - Ea argiago. - Batak besteari lanpasean kutxa metaliko hutsa utzi dio, eta, horrek, oparia egin duenarentzat, bestearen jokaera etsipen handia izan dela adierazten du, edo etortzeko den proiekturen bat hutsean geratuko dela, edo horrelako zerbait ere adieraz lezake; oparia hutsa da; ezereza. Metalak hoztasuna esan nahi du; oparia egin duen pertsona horrek bestearenganako sentimendu ezkorrak dituela. Kutxa gorria izateak pasioa adierazten du, baina era ezkorrean. - Betiko kontuak. - Dena den, horregatik, behintzat, uste dut inork ez duela inor hilko. - Hobe horrela. - Zarata da kontua. - Finean bizi-kalitatea, ezta? - Horixe preseski! Haakonsson besaulkian eseri zenean, Gulbrandsen detektibeak zientifikokoen xehetasunak eman zizkion. Ahoz eman zizkion aurrerapen gisa, nahiz eta txostena mahai gainean utzita zion. Han, amets egitea galarazita zegoen auzoko etxe madarikatu hartan, Maryren odola aurkitu zutela esan zion. Mary zenaren gorpuaren argazkiak ere gutun-azal handi batean zeuden. Haakonsson jaiki zen besaulkitik, eta haietako argazki bat kasuaren grafikoan zegoen gorpua jartzen zuen orriaren ordez ipini zuen. - Hasi zara grafikoa egiten. - Bai. - Mary han hil bazuten, zergatik eraman zuten lubakira? - Hori argitu beharko da. Baliteke lubaki hitzak esan nahi duenagatik izatea. Badakizu lubakia, borroka egiteko babes lekua izateaz gain, aginte tokia ere bazela, eta hortik joan daiteke kontua. Suposizio bat besterik ez da, eta lehenago edo geroago argitu beharko da. - Bai. Arraroa, ezta? Metafora bat ipintzearren arriskuak hartu? - Bestalde baserria ere badaukagu. - Eta? - Baserriak esan nahi duena! - Zer da hori, baserriak esan nahi duena? - Badakizu, basoko herria, autosufizientzia! Herriak zertarako sortzen ziren? - Ba, babesa emateaz gain, bertakoei behar zuten guztia emateko. - Horixe, hain justu! Biztanleek herrian lortzen zuten bizitzeko behar zutena; ez zuten beste inora joan beharrik bizitzeko. - Bai, eta? - Ba, horixe: herrien sorreraren aurretik baserriak gauza bera egiten zuen. Herri txikiaren sinbologia berbera dauka. Autosufizientzia. Familiak behar zuen guztia etxean ekoizten zen: proteinak, hidratoak, bitaminak, sua egiteko egurra... Badakizu, horixe, autosufizientzia. - Berriro beste metafora bat! - Dena da posible. - Baliteke. - Horixe da argitu beharko dugun beste kontu bat. Beste gauza bat, Dagny: Maryren telefono dei guztien zerrenda behar dugu, bai mugikorrekoak bai etxekoarenak, etxekorik baldin badu. Interneten izan duen jarduera, posta elektronikoa, whatsappak... dena, mugimendu guztiak jakin behar ditugu. Eman agindua taldeko informatikariei. - Agindu hori emanda dago. - Bon. Haakonssonek zalantzarik gabe hitz egingo zion, protokoloko kontuak bailiran. Agindua ohiko prozeduretan egiten zena zen, liburukoa, nolabait esateko. - Maryren etxea berriro arakatu behar da - jarraitu zuen- , goitik behera gainera. Dena hankaz gora jarri behar baduzue, jarri. Zerbait gehiago behar dugu. Eraman horretarako taldeko behar dituzunak. Maryk egin ohi zuen bidean bizi diren guztiei galdetu, ea egun horretan ezer deigarririk-edo, arrarorik-edo, ikusi zuten. Maryren azken eguna berriro ikusi behar dugu osotasunean. Hori guzti hori daukagunean, hiltzailea edo hiltzaileak nor edo nortzuk izan diren jakiteko gertakariak berritzeari ekingo diogu. Hurbiltzen ari gara, baina zertxobait gehiago behar dugu. Tira, segi. Aginduak ematen dituzunean etorri hona, Maryren mutil-lagunarekin galdeketa egitera joan behar dugu eta. - Ondo. Oraintxe nator. - Dagny, beste gauza bat ere egin behar da. - Zer? - Mutikoaren ikastetxera joan eta zuzendariari zein irakasleei galdeketa egin behar zaie. - Ondo. Utzi neure kontu. - Aizu, Dagny, balistikokoen azterketarik ez dut hemen ikusten. Ez dute oraindik egin, ala? - Ez da heldu. - Beraz, oraindik bala-zorroei buruz ez dakigu ezer? - Ez. - Tira. Segi. - Oraintxe nator. Maryren mutil-laguna aurkitzea oso zail egingo zitzaien. Unibertsitatera heldu zirenean erratuko zuten norabidea, eta, Letra Fakultatera joan ordez, Zientzietakora egin zuten. Gero, solairuarekin ere gauza bera gertatu zitzaien, eta, azkenean, goizeko txanda amaitzear zegoenean, alde egiteko unean, ikasgela barruan harrapatu zuten. Rhon zein zen beste ikaskide batek esan zien. - Rhon? - Bai, ni naiz. - Haakonsson inspektorea eta Gulbrandsen detektibea gara. Zu Maryren mutil-laguna zara, ezta? - Pasa den asteko igandean utzi genuen. - Orduan ika-mikan ibili zineten, ezta? - Ika-mikan, ez dakit nik ika-mikan edo eztabaidan. - Zergatik zenbiltzaten ika-mikan? - Nik geunden tabernatik alde egitea nahi nuen eta berak ez. Horixe izan zen eztabaida. Horri ika-mika deitzea gehiegi deritzot. - Zer ordutan izan zen hori? - Bederatziak aldera. - Eta nora joan nahi zenuen zuk? - Nik handik alde egin nahi nuen. - Nora joateko? - Berarekin egoteko. - Baina berak ez zuen zurekin egon nahi, ezta? Tabernan egon nahi zuen, ezta? - Berak tabernan jarraitu nahi zuen. - Eta zuk larrua jo nahi zenion, ezta? - Ez da hori. - Eta horregatik hil duzu, ezta? - Zelan hil dela? Nik ez dut hil! - Zure nahietara ez zen makurtzen, ezta? - Zer diozu? - Zure nahietara makurtzen ez zelako hil duzu, ezta? - Nik ez dut hil. Zergatik hilko nuen ba? - Beraz badakizu hil egin dutela? - Zer diozu? - Non gorde duzu Mary hiltzeko erabili duzun labana? - Zer labana eta zer arraio. Hara bestea! - Hobe duzu orain aitortu, bestela kartzela-zigor luzeagoa ezarriko zaizu. - Nik ez dudala hil ba! - Non gorde duzu Maryren gorpua? - Nik ez dut inon ezer gorde! Zer demontre zabiltzate zuok! - Zergatik hil duzu? - Berriro? Ez dudala hil ba! - Zuk eskatzen zeniona ez zuen egin nahi, ezta? Eta horregatik hil duzu, ezta? Non dago Maryren gorpua? - Ez dut beste ezer esango. Susmagarria banaiz atxilotu nazazue, eta jarraian abokatu bat eskatuko dut. - Zertan lan egiten du zuen aitak? - Arrantzalea da. - Eta zuen amak? - Jatetxe bateko sukaldean lan egiten du. - Bon. Emadazu nortasun agiria, eta erdu bihar goizean polizia etxera. Han ikusiko dugu zer egingo dugun zurekin. Bizi zaren helbidea hemen dagoena da? - Bai, gurasoekin bizi naiz. Polizia egoten den lekuetan dibertimendu gutxi - esanez jarri zuen motxila sorbaldan, eta Rhonek ikasgelatik irteteko mugimendua egin zuen. - Itxaron! - Haakonssonek besotik heltzen ziola aginduko zion- . Kontua ez da polizia bai ala ez, noren zerbitzura dagoen baizik. Eta beste gauza bat: guk ere badakigu dibertitzen, gero! Baina lanetik kanpo! A, eta gure beharra daukazunean negarrez etorri, ados? - Zer? - Tori nortasun agiria. Ez duzu bihar zertan etorri. Rhonek ikasgelatik alde egin zuen. - Sakatu diozu, gero! –behin ikaslea urrundu zela ikusi zuenean Gulbrandsenek Haakonssoni esan zion. - Bai. Sobera ere badakizu, batzuetan mugara heldu behar dela. Hor agertzen dira zalantzak. Hor, puntu horretan ikus daiteke zerbait dagoen ala ez. Guk sobera ere badakigu Mary hil duena ez dela bera izan, baina Mary ezagutzen gabiltza, eta horretarako baliagarri zaigu. Norak etxean bazkaldu zuen, eta ondoren, siestarik egiten ez zuenez, irakurtzen eman zuen tarte luzea. “Zein ona izaten den irakurtzeko astia izatea, beste mundu batzuetara joateko, gozatuz, ezeren faltan sumatu gabe, lasai, norbera bakarrik, kafe beroaren lurruna lagun izanda”, nagiak ateratzeko muskuluak tenkatzen hasi zenean irudikatu zuen. Bizkarraldean kuxin handia zuela sofan luzetara zegoen. Bidaiarako eraman zuen Harrian mezua irakurtzen buru-belarri ikusten zitzaion. Amaitzeko hiru-lau orri baino ez zitzaizkion falta, eta ordurako erosi berria hasteko irrikaz zegoen. Esaldiak eta paragrafoak irentsi egiten zituen. Aditzen denborari, hitzei, izenondoei, guztiari egiten zion kasu. Era horretan, nobela amaitzen zuenean, gai izaten zen goitik behera azalpenak emateko, baina ez nondik norakoa, trama edo eta pertsonaien izenak bakarrik, idazleak erabilitako gramatikaren xehetasunak ere argitasunez emateko gai izaten zen. Agindu bezala, Bihon, arratsaldeko bost eta erdietan, beti bezain dinamiko heldu zen etxera. Egiten zuena gustatzen zitzaion. Horregatik izango zen beti pozik, baikor. - Zelan joan da? - Bihonek Norari galdetu zion. Nora artean besaulkian liburua eskuetan zuela luze zegoen. Oso gustura zegoen. Noizbehinka zalantzak gora-behera azaltzen bazitzaizkion ere, Osloko egonaldia opor bezala hartzen ari zen. Giro aldaketak buruan izaten zituen mamuak uxatzeko beti egiten zion ondo; distantziak gauzak beste era batera ikusarazten zizkion; beste interes batekin agertzen zitzaion mundua, bizitza, egunerokoa. - Primeran! Olibak, oliba olioa, beste jaki batzuk, eta bota hauek ere erosi ditut. Egia esan, botak ez dakit zertarako erosi ditudan, uda dator eta. - Negua ere etorriko da. - Bai, baina han ere eros nitzakeen. - Beno, horrela Osloko oroigarri ona izango duzu, luzaroan iraungo dizuna gainera. - A! Hori bai. - Bazkaldu duzu? - Bai. Liburu bat ere erosi dut, Karin Fossumen Emakume bat zure bidean. - Irakurrita daukat. Zergatik erosi duzu, horko apalean daukazu eta? - Ingelesez? - A, ez, norvegieraz! - Hori ba. - Kafe bat? - Bai, zelan ez. Bihonek mahai gainean zegoen kutxa txikitxotik zigarro bat hartu, eta poltsikotik txiskeroa aterata, piztu egin zuen. Lehen zupadaren kea airera botaz zihoan sukalderantz, tabakorriaren kea atzean nahita utzita. Bikotekide ohiaren etxera joateko, motora igo ondoren martxan jarri eta abiatu zirenean, Noraren eskuak Bihonen titietara joan ziren instintiboki. Naturaltasun osoaz egin zuen, Bihonek onartuko ziona, eta mugimendu leun batekin, ipurdia atzerantz bo zuen emeki. Orduan Norak bere nahiaren adierazle gisa kaskoa bestearen sorbalda gainera botata sendoago helduko zion. Epailearen etxera heltzeko hamar minutuko bidea egin beharra izan zuten, soilik. Pena handia hain labur izana; hain gozo zihoazen! Osloko etxe dotoreak zeuden auzoa zen, Haakonsson inspektorea bizi zenetik beste aldera. Harlanduz eginiko atari ederrean etxeak bideokamera zuen, eta barruan itzelezko lanpara bat zegoen sabaitik eskegita; eder agertzen zena, kristalezko negar- tantak izaten dituzten horietakoa zen. Nolabaiteko nortasun sendoa barrukoei eman nahian egongo zen han esekita. Goian, kanpotarra ezagutzeko lehen enkontrua desiratzen egongo balira bezala, euren zain zituzten. Ez zuten txirrina jo beharrik izan. Gora heldu orduko atea zabalduta zeukaten. Edonori gerta dakiokeen erara, milaka aldiz egiteagatik, behetik gora igotzeko behar zuten denbora garunean ondo finkatuta izan zuten. Bihonen bikotekide ohiaren ama agertu zen ateetan. - Kaixo, maitea - Bihoni zuzenduta esango zion- , zer moduz! - Oso ondo, Agathe! - eskuak batak bestearen gerrira eta bestearenak aurrekoaren sorbaldatara zihoazela musu pare batekin agurtukzuten elkar-. Agathe, hau Nora da, Haritz Zaharraren Lurraldekoa. - Norak eta Agathek berdin egin zuten. - Nola da hori, Haritz Zaharraren Lurraldea? - esandako herrialdeak ustekabean harrapatu zuelako Agathek bi gazteei galdetu zien. - Euskal Herria - Bihonek ezpainetan irribarretxoarekin erantzun zion. - Sartu, sartu barrura! Barrua itzela zen. Material bereziak erabilita eginiko etxea gustu ona agertzen zuen espazioa zen. Egongelan epailea egunkaria irakurtzen zegoen, eta Aftenposten besaulkiko eskuineko besoan utzita zutitu zen. Aldamenean zegoen mahaitxoan Oslon argitaratzen ziren beste guztiak ikus zitezkeen. Kiroletakorik ez zegoen han. Ematen zuen gizonak bazuela egunerokoa jarraitzeko interesa, baina kirolena ez. Edonork egin ziezaiokeen lehen behaketan kontserbadorea izango zelako susmoa hartuko zion, baina aurpegia xehe-xehe aztertu ondoren, dena ez dela izaten hain argia pentsa zitekeen. Ilea, motz ebakia zuena, ordurako aspaldian urdindua, ez zuen orrazten, eta horrela eramateak nolabaiteko informaltasuna ematen zion. Begietan argi erakusten zuen ez zela batere ergela, eta aurpegi luzangan ipinitako sudur makoak segur aski 68ko maiatzean gazteriaren ihardukitzeko gogoaren alde jarriko zela agerian uzten zuen. Papilotak aurrerantz mozten zituela kontuan hartuko bazen, edonor jabetu zitekeen, ziur aski, bere baitan pentsaera aurrerakoiaren gomuta ere egingo zuela. Oro har, eta salbuespenak salbuespen, legeak zerbait edo norbait kontserbatzeko eginak izan baziren ere, era batera edo bestera jokatu, alde izugarria agertu liteke. - Kaixo, Bihon! - Norarengana zuzentzen zela eskua altxatuz esan zion- , eta zuri ere bai, Nora duzula izena aditu dut. Horrela da zure izena? - Bai, bai, horrela da, Nora Williams. - Euskal Herrikoa aditu dut? - Bai, horrelaxe da. - Jende ona han, borondate trinkoduna eta langilea. Eta zer egiten duzu hemen, turismoa eta zertxobait gehiago, ezta? - Bai, biak, nahiz eta zertxobait egiteko bidali nauten! - Beno, beste horri buruz gero hitz egingo dugu. Lehen aldia ona zatozena, Oslora diot? - Bai. - Ta? - Hunkigarria, bazter guztietatik begiratuta. - Agmundr, utzi galdeketa eta zatozte hona zerbait askaltzera! - Agmundr epaileak emaztearen aginduaren aurrean men egin zuen, eta eskuarekin besaulkiak seinalatuz Norari ere harantz egiteko gonbita egin zion. - Nora - Agathek esango zion- , hau da gure alaba. Ez duzue elkar ezagutzen, ezta? - Ez. Jannicke, itxuraz Bihonen adin berekoa, tankera bereziko gaztea zen. Berak ere bazekien edertasun paregabea zuen emakumea zela, eta, hori zela eta, harro agertzen zen. Janzkeran nabarmentzen zitzaion. Tulezko soineko arina, Preppy style erakoa, gorputz mehearen gainean labur-labur zeraman jarrita, ezkutuko alde desiragarria ozta- ozta tapatzera heltzen zitzaiona. Itxura batean wasp talderen batekoa zela ematen zuen. Ziur talka zegoela aitaren eta alabaren arteko pentsamoldean. Agmundrrek eskuzabala eta bihotz onekoa ematen zuen; alabak, ordean, hertsia, mesfidatia eta apetatsua zelako airea zuen, beste inongo kulturaren eraginik onartzen ez zuenetarikoa-edo. Noraren azalaren kolorea ikusi bezain laster horrela agertu zen bederen. Urruti mantentzen zen, nolabait berarekiko traturik izan nahi ez balu legez. Zerbitzariak kafea eta pastak ekarri zituen. Kikaratan kafea bota ahala, bakoitzari berea emango zion. Jarraian pastak zeuden platera epaileari hurbildu zion, gero etxandreari, alabari, Bihoni eta azkenik Norari. Nora almendra gainean zuena hartzera zihoanean ustekabeko lehenengo kolpea agertu zen. - Hori neurea da! Hori neurea da! - Jannickek bere senetik irtenda bota zuen- . Nora non zegoen ere ez zekiela geratuko zen. “Nola da posible hau, baina nor da hau?”, pentsatzen jarri zen. Bihoni zuzendu zion begirada, eta, keinuz, burua kanpoko aterantz bihurtuz, alde egiteko gogoa agertu zion. Bihonek baiezkoa esanez bezala burua beherantz mugitu zuen, eta aldi berean apur batean eusteko izan zen aurpegi serioa jarri zion. Zerbitzariak platera mahaitxoan utzi eta, erabat lotsatuta, sukalderantz egin zuen. - Hartu beste bat, maitea - Agathek Norari erregutu zion. - Bai –adeitasun arauek eskatzen duten bai soila izan zen. Baina ez zuen mugimendu txikerrenik ere egin beste bat hartzeko. Aldi baterako, pastak jateko gogoa joan zitzaion. Nora ezeroso zegoen. Handik joan nahi zuen. Erratzeko arriskurik hartu gabe, Jannicke azaleko neska zela esan zitekeen, gauza hutsalak begiratzen dituen horietakoa. Une oro hotz agertuko zen, muturra okertuta, suminkor zerbait partekatu behar zenean. Jannickeren jarrera hain zen ezkorra, ezen Agathek giroa eraman ezina zela ikusiko zuen, eta Agmundr senarrari keinua egin zion, egin beharrekoa lehenbailehen egiteko agindua emango balio bezala. - Nora, gaur goizean egon naiz lubakian agertutako emakumearen kontua daraman inspektorearekin hitz egiten. Berarekin egoteko hitzordua biharko hamarretarako duzu. Ordu horretarako ezin baduzu joan, deitzeko. Hauxe da inspektorearen izena eta telefonoa –izena eta telefonoa txartel zuri batean zeuden idatzita, eta epaileak mahai gainean utzi zion. Nora jaiki zen besaulkitik mahaira hurbildu eta txartela hartzeko, eta gero berriro leku berean eseriko zen, Bihonen ondoan. - Mila esker, Agmundr jauna. - Ez horregatik; badakizu Bihonengatik edozer gauza egingo genukeela. - Ez da harritzekoa. - Ez, ezta? - Ez –irribarrez. Giroa jasanezina zen. Bihon ohartu zen amaitzeko gonbita zela. - Zazpiak dira eta! - esan zuen Bihonek, nolabait hain adierazgarri esaterakoan, berandutu egin zitzaiela, eta alde egin behar zutela ulertu zutelakoan. - Bazoazte? Ze pena. Pentsatzen nuen denbora gehiago emango zenutela –Agathek pena hitza esaterakoan komikietan agertzen den aurpegia jarri zuen. Bene-benetan esan zuen. Bihotz oneko emakumea zela ematen zuen, eta alabaren jarrera kudeatzea zaila egiten zitzaiola. Horrelako baten ondoan denbora luzea ematen denean bizitza zorigaiztoko bihurtzen da. Neska goitik behera zen toxikoa. Ama entzun bezain laster, Jannickek logelara alde egin zuen. Zirudienez, ez zuen inor agurtzerik nahi izan. Musuak eman zizkioten elkarri. Bihon ohartu zen neskaren mugimenduaz eta haren gelara zuzendu zen. Behin harekin, ezpainetan musu zakarra emango zion. Era hartan, gaizki portatu zelako emango zion. Mihia aho barruraino sartu zion, gingila ukitzeraino. Bazirudien ito nahiko zuela. Jannickek okadaka aritzeko keinua egin zuen, eta, aldi berean, urtu egin zen. Jannicke aldi berean bi gauza egiteko gai zen; ahalmen itzela. - Jannicke, bagoaz - Bihonek kokoteraino zegoenaren aurpegia jartzen ziola bota zion. Irakasleak neska harekin harremanik izan zuenik ere ezin zuen sinetsi. - Noiz ikusiko dugu elkar biok bakarrik? - Jannicke oraindik maiteminduta zegoen; argiro antzematen zitzaion; begiek agertzen zuten tristezian ere igartzen zitzaion. - Laster - nolabaiteko esperantza emanez, nahiz eta uler zitekeen erantzuna bestea animatzekoa ere izan zitekeela, depresibo jarri ez zedin-edo, erantzun zion. Bihonek bazekien besteak horrelako jarrera hartzen zuenean sufritu egiten zuela, eta horregatik esan zion laster esatearena. Oso bestelakoak ziren biak. Bien arteko harreman sexualak aurrera egin zezakeen arren, pertsonalak ez zeukan inolako aukerarik. Oso urrun zeuden bata bestearengandik. Oso bestelakoak ziren. - Beno, Agathe eta Agmundr, mila esker, eta Noragatik egin duzuenagatik ere bai. Etorriko naiz, eta denbora gehiago emango dugu elkarrekin. - Ez daukazu eskerrak zertan eman, eta erdu gehiagotan, nahi duzunean. Badakizu, sobera ere, hemen maite zaitugula. - Nik ere maite zaituztet. - Agur, Nora, ondo izan. - Mila esker. - Agur, bai, agur. Bihonek eta Norak isilik jaitsi zituzten eskailerak. Ez zuten igogailua hartu nahi. Oinez jaitsi nahi zuten. Tarte hartan ez zuten hitzik trukatu, sopikun begiradaren bat soilik. Behin behean, Nora lehertu beharrean zegoen, eta zera esan zion Bihoni: - Bihon, nola demontre izan duzu amodio-konturik pipi horrekin? - Azaleko harremana baino ez da izan, eta gainera elkarrekin ez dugu denbora askorik eman, soilik larrutan egiteko bildu izan gara. Ez dut gogoratzen kafetegiren batean kafe bat ere edan genuen. Apeta bat izan da soilik. - Beno, hori bai; Nahiluke kondesa horrekin horixe soilik izan daiteke, edo akaso horixe ere ez. - Bai, hori bai, zelan ezetz! - Bihonek. - Pastak erosi nahi ditut. - Pastak? - Bai, pastak, kontxo! - Pastak? Nik ere bai! Dozena bat jango ditut oraintxe bertan, zer demontre! - Nik beste dozena bat. Non demontre aurki daiteke gozotegi bat? - Goazen! Oraintxe bilatuko dugu bat - Bihonek. - Ez da berandu izango? - Ez, eta baten bat hemendik zabalik ez badugu aurkitzen, gure kalean badaukagu zapore guztietakoak saltzen dituen bat, kontxo! - Goazen gure kalera! - Goazen! Etxera heldu zirenean besaulkira bota zuten bere burua, musuz lagunduta bota ere. Batak bestea emeki laztanduz joan ziren, bidea egin nahian. Berotuz etorri zen maitasuna, azkar, erritmo frenetikoari jarraika. Bihonek gerrikoa kendu zion, eta zirrituko botoiak askatzen lagundu zion, bestearen atzamarrekin trabatuz, ukituz, gozatuz. - Ez, ez! - Norak esan zion supituan. - Ez duzu nahi? –Bihonek, nolabait harrituta. - Ez, ez. - Ezin duzu? - Ez, ez, hemen ez. Goazen ohera! Inolako zalantzarik gabe, sentimenek eta maite-garrek dena blaitzeko sasoia heldu zela agerian zegoen. - Pasta bat jango dut. Nahi duzu beste bat? –Nora Williamsek, bizkortzen hasita. - Ez. Gerezi likorea duen txokolatezko bonboia jango dut. - Bonboiak gustatzen zaizkizu, e? - Itsuki amaituko nuke munduan dagoen txokolate guztia, begiak itxi eta zabaldu egin orduko. - Ez nuen uste hainbesterako izango zenik. - Egunerokoan ahalegin itzelak egiten ibiltzen naiz txokolatea dagoen inguruetara ez joateko. Ez dakit ba, txokolatea sexuaren ordezkoa ez ote den. - Hori esaten dute. - Garagardo bat? - Bat bakarrik bada bai, baina bat horrek atzetik etor daitezkeen besteen atea zabaltzen badu, ez. - Bakoitzarentzat bat, hozkailuan ez dago besterik eta. - Jaki-tokian utzi ditut dozena bi. - Eskerrak epel egongo diren, bestela gai gara denak edateko. - Gaur ez, Bihon! - Bihar egun gogorra espero duzu, ala? - Bai. - Nik bihar egun oso lasaia. Ordu beteko eskola eta badago. - Zer ipiniko dugu afaltzeko? - Pentsatua nuen tortilla frantsesa eta jogurta. - Nik ere berdina afalduko dut. - Neuk ipiniko dut. - Ez, zuk atzo ipini zenuen, gaur niri dagokit ipintzea. - Ondo. - Sartuko dut garagardo pare bat izozkailuan? - Sartu lau! - Berriro ere hasi gara! sei Hiria lauso jartzeko laino trinkoa aurretik zekarren ekialdeko haizeak leunki jotzen zuen etxeen artetik, karrikan ordura arte egondako zurrumurru isila ikaratu gabe iratzartzea nahiko balu legez. Apur bat geroago, baina ez hainbeste, Nora Williams Ebbe Haakonsson inspektorearen bulegora heltzeko zenean, goizeko hamarrak inguru izan zirenean, laino itxia albokoarekin estropezu egiteko bestekoa zen. Williams anderea urduri zegoen. Ez zuen bere bizitza osoan halako batekin elkarrizketarik izan, eta, horrek, jakina, ez zion gauzak berak nahi bezala gertatuko ziren segurantziarik ematen. “Izan dadila izan behar duena” atera heltzeko zazpiren bat eskailera maila geratzen zitzaizkiola pentsakor zebilen. Sarbidea zeharkatu ondoren, aurre-aurre aurkitu zuen harrera mostradorea. “Orain ez dut atzerabiderik, aurrera egin beharko” zetorkion burura, nolabait instintuak babesa emango balio bezala. Ingurua jendez gainezka zegoen. Batera eta bestera begiratu zuen. Mostradorearen goialdean txanda adierazteko zenbaki taula elektronikoak hogeita bederatzi jartzen zuen. Begiratu zuen tiketa non hartu zezakeen. Makina sarreran zegoen. Bere txanda noiz helduko zain zegoen andrazkoari galdetu zion ingelesez. Andrazkoak ez zekien ingelesez baina ulertu zion. Hitzik esan gabe baina txeratsu atera zion berrogeita bost zenbakia zuen tiketa. Hamabost minutu geroago bere zenbakia heldu zen. Mostradorera hurbildu zen. - Bai, andere, zertan lagundu zaitzaket? - mostradorearen atzean zegoen emakumeak itaunduk zion. Lehen begi kolpean, Norari jela bezain hotza iruditu zitzaion. Hala ere, harrera esaldian arreta jarri ostean, andrazkoa besteen nahietara egokitzen den horietakoa zela imajinatu zuen istant batean. “Bai” soilean gera zitekeen, baina ez zuen hori egin; ustea zuen andrazkoak esan berri zionarekin laguntasuna eskaintzen ziola; ondo esan ziola. “Zergatik pentsatu behar dut okerreko konturik? Ez daude, ba, laguntasuna emateko?” kiribilean jarraitu zuen azalpena emateko zen esaldiarekin batera, eta gero ere bai. - Egunon, Ebbe Haakonsson inspektorearekin geratuta nago hamarretarako, - eskaera legez egin zezakeen ingeles argienean bota zion. - Nola daukazu izena? - Nora Williams. - Zer ordutarako esan didazu? - Hamarretarako. - Zoaz horko egongelara eta oraintxe deituko zaitugu. - Mostradorearen beste aldekoak irribarre ñimiñoa jarri zuen ezpainetan, eskuarekin egongelako atea adierazten zion aldi berean. Barruan eseri eta aldizkari bat hartu zuen eskuetan; itsasoetatik belaontzietan bidaiak egitekoa zen. Ez zuen zabaltzeko betarik izan. Atetik harrera egin zion andrazko berberak deitu zion. Norari arraroa iruditu zitzaion ezen, edonon eta beti, norbaitekin egoteko nahikotxo denbora itxaron behar izaten baitzuen. Akaso izan zitekeen epailea eta Haakonsson inspektorea lagunak izatea, eta horregatik hain arin deitu izana. Enkontrua heldu bezain laster eman izanagatik. “Ingelesen tankerakoak ote dira hemen ere, ba!” hori ere etorri zitzaion bat-batean. - Nora Williams anderea, Haakonsson jauna zain daukazu. Bere bulegoa horko hirugarrena da. Jo atea eta sartu, hori da hemengo ohitura eta. - Thank you - aurpegira begiratu eta hirugarren aterantz zuzentzen zela erantzungo zion. Ez zegoen urduri. Lana egiten hasteko ezinbestekoa zuen daturen bat izatea. Horregatik, derrigorrezkoa zuen aurrean agertzen zitzaizkion oztopo guztiak gainditzea; atzokoan bezala. Hirugarren atearen aurrean zegoen, eta ez zuen arnasa hartzeko astirik ere hartu, “zirt edo zart egin behar dut. Ez dut zalantzarik izateko astirik; zalantzak astia izaten denean soilik izan behar dira; gaur ez dago horretan denbora galtzerik” azkar pentsatuz, oldarrean sartuko zen barrura. Ahaztu zitzaion atea jotzea, baina zer axola zitzaion, barruan zegoen jada eta. - Bon jour - irten zitzaion Norari, eta zuzenean bota zuen ingelesezkoa- , Good morning! How are you, mister Haakonsson? - Bien, merci. Voulez vous parler francais avec moi? - Haakonsson inspektoreak besaulkitik jaiki eta eskua ematearekin batera erantzun zion galdera gisa. - I prefer to speak in English - Norak nolabait ingelesez hobeto egiten zuelako ustea zuen, nahiz eta frantsesez ere oso ondo moldatzen zen. Ziur aski, segurantza kontuak izango ziren. - Bai –inspektoreak, egurra franko islatzen zuen irribarrea aurpegi zailduan jarrita, euskara doinu itzel onarekin gaineratuko zion. - Mintzatzen al zara euskaraz? - No. Bai is the only word I know in Basque. - Ok. - Eseri zaitez. - Mila esker. - Zuk esango didazu ba! - Ba, beno, inspektore, badakizu, atzoko Agmundr epailearen deiagatik, hildako afrikarrari buruzko alde pertsonaletik begiratutako lantxoa egitera bidali nautela; nolabait esateko, haren historia idaztera. - Lubakian hilda agertutako andrazkoari buruz ari zara? - Bai. - Hain garrantzitsua ote da, ba? - Ez dakit ba nik. Nik dakidana ez da gauza asko-askorik. Zer esango dizut, ba! - Zehazki, zer dakizu? - Interneten agertutako xehetasunen bat. - Horiek egunkarietatik ateratakoak dira. - Ba, horixe bakarrik. - Ez da gauza asko. - Ez. - Badakizu afrikarra dela? - Hori bai, jakina! Norak eskua poltsikoan sartu eta diru zorroa ateratzera zihoan bertatik egunkariko kredentzialak erakusteko asmoarekin, baina lubakiko kasuaren ardura zeramanak ezetz esango zion, ez zela beharrezkoa. Eseri ziren. Haakonsson inspektoreari sorbaldako zauriak ez zion bakerik ematen; min ematen zion. Gehienez ere, hiru-lau orduero mina kentzeko pilulak hartu beharra izaten zituen. Besaulkian esertzerakoan, eskuak beso-euskarrietan jarri zituenean, keinu mingarria agertu zitzaion aurpegian. Medikuak emandako flaskotik bi bota zituen eskura, jarraian ahora sartzeko. Besaulkiaren atzealdeko mahaitxoan goizero komunean ur freskoz betetzen zuen botilatik zurrutada txikitxoaren laguntzaz irentsi zituen. - Barkatu, Nora - esan zion egin berri zuenagatik- . Ez da beharrezkoa agiririk erakustea. Dena den, jakin badakizu sumarioa sekretupean dagoela, eta horregatik ezin dizudala ezer esan. - Horrela izango zela uste nuen. - Baina lagun baten bitartez zatozenez, hildakoaren aurrez aurre bizi denaren izena eta helbidea emango dizkizut. Mwezi dauka izena Mary Nicizanyeren alboko etxean bizi den andreak, eta ziur naiz gauza asko esango dizula. - Hildako afrikarrak Mary Nicinzaye zuen izena? - Bai. Hau esan eta gero, ezin diezaiokezu inori horren berri eman; agindua da, ados? - Bai, noski. - Beste gauza bat: Mwezi andereak, susmoa izango duen arren, ofizialki ez daki Mary hilda dagoela; beraz kontu handiz ibili beharko duzu, bestela arazoak izan ditzakezu, entzun? - Bai. Ez izan horren zalantzarik. Berregokituko dut lanaren izenburua. - Zer daukazu pentsatuta? - Ba... - Asmatu bat. - Ba, ez dakit; akaso, hemen, Oslon, bizi diren afrikarrei buruzkoa egiten nabilela. - Hobeto, horrela hobeto. Tori helbidea. - Haakonssonek andrearen izena eta helbidea post-it batean idatzi ondoren eman zion. - Mila esker, inspektore. - Gauza bat bakarrik; arren eskatuko dizut, Nora: ibili zaitez kontu handiz, oraindik ez gaude ziur arriskuaren tamainaz eta. Arazo edo arrisku txikerren baten aurrean aurkitzen bazara dei nazazu, mesedez. Tori nire txartela. Berriro esango dizut: egunak hogeita lau ordu ditu; beraz, edozein ordutan dei nazakezu, aditu duzu? - Lasaitzen nau hori entzuteak. - Kontuz! - Mila esker, Haakonsson jauna. - Besterik behar duzu? - Ez, mila esker. Behar dudan guztia eman didazu. Helbide horretan dago egin behar dudan lana. Beste guztia nire abilezien ondorioa izango da. - Ea ba, besterik behar baduzu, deitu. A, gauza bat, Nora: Mwezi andereak ez dut uste ingelesa dakienik, baina bai frantsesa. - Mila esker esateagatik. - Zuk badakizu frantsesa, ezta? - Bai, bai. Eskerrik asko berriro ere. - Agur eta ondo izan. - Agur, bai. Nora bostekoa emanda atera zen Haakonssonen bulegotik, kontua ez zela hainbesterako izan pentsatuz, eta jarraian taxi bat hartzera zuzendu zen. Eraikinetik irten eta berehalakoan plaza txikiaren beste aldean ikusiko zuen taxien geralekua. Mweziren etxera lehenbailehen nahi zuen joan. Barrutik zerbaitek bultzatzen zuen denborarik galdu gabe ibiltzera. Luze egin zitzaion harako bidea, luzeegi. Taxi barruan emakume afrikarra ezagutzeko irrikaz zegoen; egonezinak blaitu zion gorputza telefonoa hartzera behartuz. Azkar ari zen teklak sakatzen. Bihoni whatsappa agintzeko idazten zegoen; Haakonssonekin izandako solasa labur biltzen zion. Beste bat ere bidali zion, Mweziren etxera zihoala esateko; mezuan ez zion helbidea idatziko. Amaiera gisara, hirugarren whatsappa ere bidali zion, berak desiratzen zuena agertzekoa izan zena, gurarituta zegoela esatekoa. Gordin-gordin igorri zion: “Desiratzen nago, gaua noiz helduko, berriro besarkadan urtzeko...” Nora bulegotik irten ondoren, Haakonssonek bilera zuen. Sikkerhetstjenesteko pertsona batekin elkarrizketatuko zen; aspalditik laguna zuenarekin. Norvegiako segurtasunerako arduradunetariko bat zen. Haakonssonek sakatu zuen bideokonferentzia egiteko ikurra. Ez zen tarterik izan. Berehalakoan gertatu zen, beste aldekoa itxaroten izango balu bezala. Elkar agurtuz hasi zen hizketaldia. - Zelan zaude, Ebbe? Tiroketa zer? - galdetu zion Sikkerhetstjenestekoak. - Egundoko ezustekoa izan da. Ez nuen espero. E!, azkar jakin duzu, gero! - Ebbe! gu Sikkerhetstjenestekoak gara! - Bon, hainbeste badakizue, esadazu nork hil duen Mary Nicizanye? - Oraindik ez dakigu, baina jakingo dugu, nahiz eta harrapatu zuok egingo duzuen, segur aski gure laguntzarekin. - Ba, kostatzen zaizue zerbait esatea! - Gauza bat esango dizut: ez duela batek hil. Talde osoa dabil horren atzetik. Hori uste dugu behintzat. - Eta orain arte ez didazue ezer esan? Hori da zuok ematen didazuen laguntza paregabea? - Lasai, susmoa baino ez da, Ebbe! - Zer lasai eta zer demontre! Telefono dei bat da soilik, gizona! - Ondo dago, hemendik aurrera ni neu arduratuko naiz, konforme? - Ea egia den! - Horrela izango da, ikusiko duzu. - Ea, goazen harira. Zer gertatzen ari da Burundin? - Beno, ba, arazo itzela dagoela han. - Ez didazu ezer esaten. Hori leku guztietako kontua da! - Ba, ez, ez da horrela. Bestelakoa da kontua. Begira, gaur egungo Burundiko gatazka, lur arraroak ustiatzeko kontroletik datorrelako ustea dago. Une honetan, uste hori mundu osoan dago erabat zabalduta, zeren eta, badirudi, Nkurunziza presidenteak metal horien ustiaketarako kontratua Txinarekin sinatu duela. Hortaz, bertan bakartuta badago ere, presidenteak Txinaren sostengua du. Gainera, bakartuta egotea presidenteari badirudi bost axola zaiola, atzean indar hori izanda, badakizu... - Beraz, dirua, botere politikoa? - Bai. Kontua da, bertako egoera politikoa ez bada egoki bideratzen, inguru horretan guztian sekulako gerra zabalduko dela. - Aintzira Handien eskualde horretan esan nahi duzu? - Bai, hortxe. Geografian doktoratu zara, ala? - Google maps-en begiratu behar izan dut. - Burundi non zegoenik ere ez? - Ahantzia nuen duela ez dakit zenbat urteko genozidioa. - Bai, pasa den mendeko 72an hasi zuten genozidioa, urteetan iraun duena gainera, baina kontuz, etor daitekeen aldean baliteke txiki geratzea. Eta hura bai izan zela genozidioa. Hamahiru urtetik gora iraun zuen horretan 300.000 herritar baino gehiago hil zituztela badakizu, ezta? - Ba, ez, ez nekien. - Azken hilabete hauetan, gertatu zena berriro gertatuko ote den beldurra agertzen ari da. Susmoa da, baina han jendea beldurtuta dago. Horregatik, dagoeneko bertatik 200.000 pertsona inguruk ihes egin du. - Hainbestek? - Bai, eta hori bakarrik ez. Bertan dauden diplomazialariak kanporatzen dabiltza; dagoeneko Ruandakoa kanporatu dute. Eta horretarako erabili duten aitzakia zera izan da: Ruandak presidentearen kontrako jendea bere lurraldean gaitzen duela, gero Bujunburan gobernuaren kontra egiteko. - Horraino heldu da kontua, e? - Bai. Beste alde batera joanda, konstituziora... - Zer gertatzen da konstituzioarekin? - Hangoak presidentearen agintaldi urteak mugatu egiten dituela, eta badirudi ahalegin guztiak egiten dabilela karguan jarraitzeko. - Beno, hori munduko beste leku batzuetan ere ikusi dugu. - Baina Burundin dagoen egoera horrekin ez du parekotasunik. - Zergatik? - Hori herriak ez duelako nahi, eta era guztietako protestak egiten ari dira, jakina, euren bizitza arriskuan ipinita. Pasa den urteko uztailean, esaterako, oposiziorik gabeko hauteskundeak ere egin ditu. Oposizioak ez du presidentearen hirugarren agintaldia onartzen, eta ez da aurkeztu. Bere alde izan dituen militarrak ere berarengandik aldendu dira. Militar kolpe bat ere jasan du. Baina berari berdin dio. - Horraino heldu da, e? - Baina ez hori bakarrik: egunero borrokak gertatzen ari dira. Gauean hiltzen dituzten herritarren gorpuak hurrengo egunean aurkitzen dituzte kaleetan barreiatuta. Egunero daude atxilotuak. Torturak basatiak dira, bortxaketak kontaezinak, eta abar luzea. Eta zergatik hori guztiori? Ba, lur arraroak, badakizu, betikoa: dirua. - Aurrean aurkitzen duten guztia txikitu egiten dute, ezta? - Bai, horrela da, betiko kontua. - Berriro ere lur arraroak aipatu dituzu; zer dira, bada? - Bai, baina zer diren esan aurretik esango dizut Burundin dauden lur edo metal arraroek daukaten kontzentrazioa munduan inon dagoen baino handiagoa dela, % 55 ingurukoa. Hori kontzentrazio oso handia da. Lur arraroak edo metal arraroak, batera zein bestera deitu daitezke, hamabost lantanoideek, eskandioak eta itrioak osatutako multzoari deitzen zaio. Oxidoei deitzeko era bat da. - Baina metal horiek zertarako balio dute? - Gauza askotarako. Ordenagailuak egiteko, zein DVDak, edo bateriak, telefonoetakoak, eta, batez ere, automobil elektrikoak egiteko. Baina ez egiteko bakarrik, birziklatzeko batez ere. - Zelan da hori? - Bai. Auto elektriko bat egitea gauza bat da, baina auto guztiek bezala, urte batzuk iraungo du, eta gero txatarra, ezta? - Horrela izaten da. - Ba, ez. Laborategi batek auto elektriko bat birziklatzea lortu du, eta auto hori egiteko erabilitako metal arraroak % 75 birziklatzeko metodoa ere bai. Oraindik motor elektrikoen ekoizpena ez da handia, baina etorria horrantz doa; hau da: teknologia berriak gora doaz, eta beraiek sortutako produktuek gora egingo dute. Beraz, metal horiek zelango garrantzia izango duten agerikoa da. Ikusten duzu kontua norantz doan? - Lehengo egun batean Tesla elektrikoa nola egiten duten ikusi nuen telebistan. - Bai, nik ere bai. - Itzela erreportajea. - Gauzak horrela, erratu itzela izango litzateke Nicizanye anderearen erailketaren atzetik Burundiko inteligentzia-zerbitzukoak ez dabiltzala pentsatuko bagenu. - Noiztik dakizue hori? - Herenegun hartu genion susmoa. Kontuz! Susmoa da, ez besterik. - Eta ordutik hona ez didazue ezer esan? - Esan dizut, bada, susmoa dela, eta gainera zuk gauzak beti egiten dituzu ondo. - Baina laguntza apur bat, zer demontre zabiltzate, ba! - Eta Mary Nicizanye hangoa zen? - Bai. - Eta bere aita politikari boteretsua izan omen zen. - Zelan dakizu hori? - Ebbe, berriro galdera inozoa! Ikusten duzu konexioa? - Bai, kontua argitzen hasi da. Harritzen nauena da hemen informazioa ezkutuan zein arin ematen den! - Hemen, eta han, eta beste aldean. Leku guztietako kontua da hori. - Leku guztietakoa ez dakit, baina kontu honetan Mary Nizinzayeren izena Dagnyk eta biok bakarrik genekien. - Baliteke. Ordenagailuan sartu duzu berririk? - Bai, jakina, kontuak gertatu ahala egiten dut hori. - Eta salaketa gelan ere deiak jaso ahala ordenagailuan sartzen dituzte, ezta? - Jakina! - Beraz, bide asko dago kontuak jakiteko. - Bai, baina izen-abizenak nire ordenagailuan bakarrik daude! - Hori zertan ukiturik ez dago andrazkoaren izen abizenak zeintzuk diren jakiteko. - A!, bai. Kasu honetan salatzailearen helbidea jakinda lortu zitekeen. - Hori ba. Dena den, agindu teknikariren bati ordenagailua arakatzeko. - Hori zertan eginik ez dago! - Ez. Zuon egoitzan zein gurean, erdipurdiko edozein informatikarik edozer gauza egin dezake. - Hori ba. - Aholku bat nahi? - Bota. - Ezkutuan izan nahi duzun guztia, konexiorik gabeko ordenagailuan. - Bon, besterik ez. Kontuz ibili. - Zuk bai ibili beharko zenukeela kontuz, batez ere poltsikoan daramazun espraiarekin. - Ez hadi adarra jotzen hasi, entzun! Zeren neuk ere bazekiat, gero! - Ondo izan, Ebbe. - Baita zu ere –Haakosson inspektoreak bideokonferentzia izateko erabiltzen zuen programaren ikurrean saguarekin berehalakoan egingo zuen klik. Telefonoa joka jarri zitzaion. Ez zuen bigarren aldiz txirrinak noiz joko itxarongo. - Bai? - Haakonsson, salaketa bat. - Ea harira, ez daukagu egun osoa eta. - Aparkaleku batean pertsona bat hila eta odoletan automobil barruan. - Automobila? - BMWa. - Kolorea? - Beltza. - Hildakoaren kolorea, kontxo! - Beltza. - Badatoz kontuak. Kalea eta zenbakia. - Gydas Vei hiru. - Hori alde aberatsa da! - Bai. - Solairua? - Lur azpiko bigarrena. - Mila esker. Haakonssonek Dagny Gulbrandseni deitu zion. - Bai, Ebbe, esan –Gulbrandsen detektibeak jesarlekutik altxatzen zela erantzun zion. - Dagny, zatoz berehala. - Zer dago ba? –garondoraino eskuarekin ileak eramaten zituela, eta berriro, bigarren aldiz egitean, parietal aldean geldituko zuen ukondoa gora eramanez. - BMW beltza eta barruan beltza hila. - Oraintxe noa. - Deitu lehenengo zientifikokoei. - Helbidea? - Gydas Vei hiru, aparkalekua, bigarrena azpitik. - Hori alde aberatsa da –helbidea paper batean idazten zuela. - Bai. - Zenbat arrisku hartzen dabiltzan, ezta? - Neuk ere susmo horixe daukat. - Atoan noa. - Ok. Hildakoaren aurrean zeuden, BMWaren ondoan. Autoa, atentzioa ez deitzeko, beste lauren artean zegoen, erdi ezkutuan. - BMW honek bi urte apenas izango ditu. - Bai, matrikulagatik hor nonbait. - Deitu dituzu zientifikokoak? - Bai, laster izango dira hemen. - Beti bost minutu berandu etorri behar! - Hala da. - Hortik dator gure ospea. - Bai, beti bost minutuko atzerapenarekin. - Bon. Ematen du bera izan dela gidaria. Tiro bat kokotean; beraz ez da erailketa arrunta. Zerbait txarto egin du eta horregatik hil dute. Pistola bere eskuetan badauka ere, berak ezin izan du bere kokotean tiro egin. - Horrela ematen du. Atzean joan denak emango zion tiroa, ezta? - Segur aski. Ustekabean izango zen, bestela babesteko nolabaiteko mugimenduren bat egingo zuen. - Senak hori agintzen du. - Ematen du hildakoa ez dutela mugitu. - Argi eta garbi, ez. - Arroparen izurrak? - Gidatzen etorri izanaren ondorio. - Hori ba! - Argi eta garbi, ez dute mugitu. - Hartu pistola eta sartu plastikozko poltsan. Marka? - 77B pistol. - Txinatarra esportaziorako? - Ziur. - 9koa. Parabellum, ziur. - Ziur. - Made in Txina by Norinco? - Ziur. - Bala-zorrorik? - Bistan ez. Izatekotan atzealdean. - Bon. Begiratu guanteran zer dagoen. Autoa lapurtua izango da. - Ziur. - Itxaron zientifikokoei, eta gero autoa norena den jakiteko jarri taldekoren bat ikertzen. Bulegora noa. - Haakonsson, itxaron! - Zer? - Autoak aurrean, eskuin aldean! - Zer? - Metalezko zerbaitekin egindako urradura du. Kolorea ez dago argi. Nik uste herdoilduta egongo zela. - Tiroketa ostean entzun nuen autoa? - Baliteke. - Bon, bulegora noa. - Han ikusiko dugu elkar. - Gero arte. - Bai. - Aizu, Ebbe, pistola? - Zientifikokoei eman beharko diezu. - Ondo. Kostatu zitzaion taxiari Mwezi bizi zen kale ondora heltzea. Nora Williamsi bi edo hiru aldiz leku beretik igaro zirela iruditu zitzaion baina, hala ere, gidariari ez zion ezer esan. Mwezi anderea bizi zen kalearen hasieran gelditzeko agindua eman zion. Handik, joan beharreko zenbakirainoko tartea oinez egin nahi zuen. Ingurua ezagutu nahi zuen: jendea, etxeak, karrikak, farolak, automobilak nola aparkatuta zeuden... Apenas izan zuen aukerarik. Halako batean heldu zen zenbakira. Etxeko txirrina jo zuen. Laino itxiak leihotik amonaren aurpegia ikusten doi- doi uzten zuen; hala eta guztiz ere, goitik botatako esaldia entzuteko ez zuen eragozpenik jartzen. - Je t’en pris, rentre, rentre, - entzun zuen interfonoan. Emakumearen ahotsaren doinua bere aitarenaren antzerakoa zela ohartu zen; sendoa, bildua, gogorra. Emakumeak, zabaldu berri zuen atearen ondotik: - Oui - esan zion frantses bikainean. Ez zegoen harridurarik haren aurpegian. Norbaiten zain zegoela ematen zuen. - Madame Mwezi? - Oui, c’est moi. - Je suis Nora William, l’inspecteur Ebbe Haakonsson m’a donné son adresse. Pouvons nous parler, si possible, un tout petit moment? - Mais bien sûr! venez avec moi. - Mwezik etxera sartzeko gonbita egin zion Norari. - Merci. Mwezi andereak egongelara eraman zuen artezean, eta, behin bertan, sofa zahar batean eseraraziko zuen, bera Noraren ondoan jartzeko. Ez zion hitz egiten utzi. Emakume adindua bera hasi zitzaion nolabaiteko galdeketa egiten. - Zure izena Nora dela esan didazu, ezta? Zein izen polita. Zure aita da afrikarra, ezta? Afrikar anderea Noraren aurpegiera irakurtzen zebilela ematen zuen, ezaguna egingo balitzaio bezala. - Bai, nire aita da afrikarra. - Nongoa? Ez da ba Burundikoa izango? - Zelan dakizu? - Gure herrialdeko hazpegiak dituzu, zuriarekin leunduta. - Zure ama, nongoa? - Du Pays Basque. - A, du Pays Basque! indar handiko eta borondate trinkodun jendea. Roches solides - andereak amaitu zuen esanez. - Oui. - Zu ere horrelakoa zara? - Egunero saiatzen naiz. - Zure aita kapitalekoa? - Nola kapitalekoa? - Buyumburakoa? - Bai. - Abizena, Williams esan didazu? - Bai, Ntare Williams. - Ntare Williams? - Bai, zer ba? - Mwambutsa eta Sindatumaren semea? - Bai, zelan dakizu? - Ai, laztana, adinak asko laguntzen du horretan! Ezagutu nituen zure aitona eta amona. Zure aita ere bai. Egun berean-edo alde egin genuen. Berak orduan hemeretzi urte inguru izan zituen. Zelan bizi da? - Ondo, ondo. - Zure aita Maryren lehengusua da. Maryri buruz etorri zara hitz egitera, ezta? - Nor da Mary? - Laztana, ez nauzu ikusten! Txantxetan ibiltzeko urteak joan zitzaizkidan aspaldi! Nirekin egon nahi baduzu bihotza ireki beharko didazu! - Bai, baina zelan da hori? nire aita Maryren lehengusua dela diozu? - Bai. Zure aitona, Mwambutsa, eta Maryren ama neba-arrebak ziren. - Zer diostazu? - Bai laztana! Zein txikia den mundua, ezta? Nora harri eta zur geratu zen; ez zuen espero halakorik. Ezin zuen sinetsi Mwezik esandakoa egia zitekeenik. Egia izango zen, bestela nola zitekeen inoiz elkar ikusi gabeak izanik, eta bere existentziaren berririk ez zuen emakumeak Norak bakarrik zekizkien hain xehetasun garbiak jakitea? Telefonoa hartu eta aitari deitzeko eta dena kontatzeko gogoa etorri zaizkion ustekabean. “Horregatik bidali naute hona”, irudikatu zuen supituki. “Ezin da izan”, jarraitu zuen pentsakor: “Orain arte inork ez zekien Mary Nicizanye Burundikoa zenik, eta nik ez diot inori aipatu nire aita ere hangoa zela, Bihoni ez bada, baina Bihonek ez daki lubakian hilik agertutako afrikarra Mary Nicizanye dela, ez eta Burundikoa denik ere”. Izozkailuan denbora asko eman ondoren jakia egoten den bezala zegoen; ezin zuen hitzik egin. Mweziren begietan zituen bereak iltzatuta, ezen afrikarrari entzundakoak barruak erretzerainoko talka eragin zion. Norari gogoeta egiteko astia ematearren- edo, Mwezi sofatik jaiki zen, eta erdi armairu, erdi liburutegi zen altzariaren beheko ate bat zabaldu zuen orri batzuk hartzeko. Orriok eskuetan zituela itzuli zen sofara, eta berriro ere Noraren ondoan eseri zen. Aldamenean utzi ondoren, Noraren eskuak samur hartu zituen bereekin biltzeko. Norari Mweziren berotasuna nabarmen helduko zitzaion. - Bai, laztana, horrela dira kontuak! - ahapetik bota zion. - Tori, hartu orri hauek. Hortik hasten da hona ekarri gaituen gure bidea - jarraitu zuen Mwezik- . Badakit, maitea, nik zirriborraturiko hiru-lau paper hauek ez dutela deus asko balio. Kasurik onenean, segur aski, ganbera ilun eta heze bateko bazterren batean geratuko dira hautsak eta sitsak noiz jango arren erregutuz. Ez dira egongo itxaroren norbait noiz agertuko euren gaineko jakin-minez. Horixe izango da euren destino petrala, geuk egindako bidaia gogaikarri eta penaz betea, inoren begietara agertu barik, isiltasunean betiko desagertzea. Horrexegatik eman nahi dizkizut, zuk behintzat zeozertarako baliagarri izan ditzazun, eta baita gure herriak pairatutako genozidioa eta oraindik geratzen garenon etorkizun latz eta argirik gabea munduari agertzeko ere. Hitzak entzun heinean, Norak biziki hunkituta jarraituko zuen begiak harenekin josita. Ez zen egongo beste ezertan. Kazetariek badute gauzak entzun ahala galderak prest izateko joera, bai elkarrizketaren bideari jarraitzeko bai eurek nahi izaten duten punturantz eramateko, baina Nora erabat zegoen atsoaren hitzetan sartuta; nolabait belakiaren erara zegoen. Ezin zuen erreakzionatu. Izoztuta bezala zegoen, gorputzeko zelula bat bera ere ezin mugiturik. - Hemen dituzu, bada, paperok - jarraitu zuen ile urdindua eta begi beltz-beltzak zituen adineko emakumeak- . Hartu eta erabili behar duzunerako. Zeremoniala izan zen, nolabait Mary hilda zegoela jakingo balu bezala, eta, paperok, jaraunspen gisa, beste norbaiti eman beharko balizko legez. Oinordeko bat behar zuela ematen zuen. - Mila esker, Mwezi - Norak eskuak zabaltzeko gaitasuna bakarrik zuela eskertu zion. Oraindik bestearen begietan zituen bereak itsatsita, eta, era berean, luze jarraitu zuen, harik eta masail bietatik behera negar anpuluak doi-doi irristatzen zitzaizkiola ohartu zen arte. Hasperen egin zuen zotinari eutsi nahian baina ezin izan zuen. Gaztea barrutik lehertu zela oharturik, Mwezik Nora besarkatu zuen. Estutu zuen indarrez, bularrak bular, sendo, eta orduan Noraren zotina areagotu zen zeuden gela doinu mingarriarekin betetzeraino. - Lasai, lasai, laztana. Egin negar. Zuk behar beste. Noraren negar anpuluak, errekastoak blaituz, Afrika erdi-erdian mendi muinoetaraino heltzeko moduko laino tristura bilakatu ziren, seguruenik. Denbora, egonean, biak besarkadan bildurik eustera joan beharrekoa izan zen. Ezin zuten besterik. Mwezi, Noraren ilea laztantzen zuen heinean, euren lurraldeko sehaska kanta zahar bat abesten hasiko zen doinu goxoan, pitean-pitean adatsa musukatzen ziola. Luze joan zen. Halako batean, Nora eskuarekin negarraren arrastoa lehortzen hasi zen. Makilatzen ez bazen ere, nekeza egin zitzaion. Afari bereziren baterako soilik egiten zuen halakorik. Natural-natural ibiltzea zuen gustuko, beste ezeren beharrik izango ez balu legez, eta, hala ibiltzeak negar anpuluak lehortzea erraztuko bazion ere, zaila egin zitzaion hezetasuna masailetara itsatsi baitzitzaion. - Ai, Mwezi, ez nuen nik honelakorik espero! - erdi oihu bezala atera zitzaion, pentsatuz bizitzak aukera paregabea ematen ziola bere aitaren sustraiekin bat egiteko. - Hala dira kontuak, laztana! - Bai. - Nora, zenbat egunerako etorri zara Oslora? - Ez dakit ba, hemen, Oslon zaudeten afrikarrei buruzko lantxoa egiteko agindu naute hona eta. - Non bizi zara? - Lagun batekin, alde zaharrean. - A, lagun batekin bazaude ondo, ezpabere erdu hona. - Beharbada bai. Beharbada hona etorriko naiz. Hemen egon nahi dut. Zurekin egon nahi dut. Nora iratzartzen hasi zen. Berehala abiadura burura bueltatu zitzaiola konturatzen hasiko zen. Bere onera zetorren. Trantze batean egondako denboratxoa besterik ez zitzaion iruditu. Bihotz kontuak. Oroitu zuen Mweziren begirada, ondoan zuenaren begirada, eta ziurtasunez sinesten hasia zen Mwezik bazekiela Mary hila zela. Baina berak ezin zion ezer esan. Sor zitekeena itzela zitekeen, edo ez. Hala ere, ez zuen nahi izan ate hura zabaltzea, eta itxarotea erabaki zuen. Bazekien orduetako kontua zela. Mwezik laster jasoko zuen Haakonssonen deia. Kostatuko zitzaion baina eutsi beharko zion. - Beno, hartu lasai. Orain zertxobait bazkaltzeko ipini behar dugu. Aitak ipiniko zizun noizbait gure janari tipikorik, baina nik neuk ere ipini dizut. Norak atzetik jarraitu zuen Mary ezagutzeko gogoz. Beste kontu bat ere bazuen buruan bueltaka: Haakonssonek Mweziren helbidea eman izana. Zergatik eman zion oraindik Mwezik ez bazekien Mary hilda zegoela? Zer zekien Haakonssonek Maryri buruz? Soilik hila zela? Horregatik helbidea Mweziri etor lekiokeen atsekabea arintzeko eman zion? Baztertu zuen azken ideia, inspektoreek ez baitiote horrelako kontuei jaramonik egiten. Mwezik bazuen lubakian eraildakoaren berri? Galdera gehiegi eta erantzunik ez. Egoera hartan, uraren korronteari jarraitu eta etor zitezkeen berriei itxarotea zela onena pentsatuko zu. Pentsamendutik esaldi bat aterata irten zen. - Aitak esanda dakit hil ala biziko kontua izan zela handik irtetea, ez zegoen beste aukerarik, ezta? - Derrigorrean alde egin behar izan genuen, bizirik irautea nahi bagenuen behintzat. - Hutu madarikatuak! - Bai, munduan horrelako asko egongo da, baina horiek bene-benetan madarikatuak dira. - Maryk badu senitartekorik? - Norari ez zitzaion ahantzi Mary bizirik egongo balitz bezala hitz egin behar zuela. - Ez. - Hemen ez, eta han ere ez? - Hemen ez, han norbait geratuko zaio, nik uste behintzat; akaso urrutiko lehengusuren bat, zure aitaz gain esan nahi dut. Baina Ntare Williams au Pays Basque bizi da. - Familia aberatseko alaba zen? - Ez bereziki. - Mwezi, hitz egingo didazu argiago, mesedez? - Bai. - Familiako norbait politikan sartua zuen, ezta? - Bai, bereziki. - Nola da hori? - Ba, horixe. Euren aita politikari garrantzitsua izan zela. Baina nik uste denak hilda daudela. - Erailak esan nahi duzu? - Bai, erailak. - Mary eta biok familia zarete? - Odolekoak ez. - Nola da hori? - Handik irten behar izan genuenean bere ardura hartu nuen. Ni Maryren aitaren lantaldekoa nintzen eta horregatik, derrigorrezkoa nuen ardura hori hartzea. Nahi izan nuen. Hartu behar izan nuen. Maryren ardura nahitaez hartu behar izan nuen. Eman dizkizudan paper horietan dituzu xehetasun guztiak. Eta orain utzi galderak gerorako, laztana! Jar ezazu telebista, eguerdiko partea ikustea gustatzen zait eta. - Ebbe Haakonssonek badakizki gauza hauek guztiak? - Ez dit galdetu horrelakorik. Norak ez zion erantzun, eta jarraian egongelara zuzendu zen. “Zergatik ez diozu esan?” - esateko zorian egon zen, baina ez zitzaion hitzik ahotik atera. Supituan, Mwezik emandako agindua osotasunean etorri zitzaion. “Jar ezazu telebista eguerdiko partea ikustea gustatzen zait eta” esaldiak argi agertzen zion Mwezik hango gorabeherak jarraitzen zituela. Nora orduan konturatu zen Mwezik bazekiela Mary hila zela. Telebista guztietan eman zuten lubakikoaren albistea. Ez zuten esan nor zen baina bai afrikarra zela eta hogeita hamar urte ingurukoa. Erabat argia zen eta erlazionatuko zuen. Piztu zuen telebista. Ez zuen katea aldatu, pentsatu baitzuen Mwezik beti kate bera ikusten zuela. Adin kontuak. Hala ematen zuen. Haakonssoni deitzeko telefonoa hartu zuen. - Bai, nor da? –aditu zuen telefonoaren bestaldetik. - Haakonsson jauna, Nora Williams naiz! - Esan, Nora. - Begira, Mwezi anderearekin nago, eta uste dut zerbait garrantzitsua esan gabe geratu dela, badakizu, goibelaldia. - Esan, ba! - Begira, Mary Burundiko politikari handi baten alaba zen, eta hutuek familia osoa erail zuten; horrexegatik txikia zela atera zuten handik. Ez dakit garrantzitsua den baina zuk jakitea beharrezkoa delako ustetan deitzen dizut. - Mila esker, Nora, dena da garrantzitsua. Aizu, kontuz ibili eta zerbait arraroa sumatzen baduzu dei nazazu berehalakoan, entzun? - Bai, Haakonsson, erne ibiliko naiz. Haakonsson, zergatik ez diozue Mweziri esan Mary hilda dagoela? - Zientifikokoak dabiltza horretan, ziurtasunez dakigunean esango zaio. Laster izango da, eta ordura arte ez esan ezer. - Konforme. - Hori espero dut. - Adio. - Adio, bai. - Mwezi, partea hastear dago, segundoak ematen ari dira eta. –Norak besaulkitik egin zion oihu. Ahotik atera zitzaion ahotsaren tonuak bera ere harrituta utzi zuen. - Banoa. Zuk ez duzu ezer ulertuko, ezta? - Ez dakit norvegierarik. - Horixe ba. - Aizu, Mwezi, Maryk badu seme-alabarik? - Bai, Yamwezi. - Eta non dago? - Bera ere desagertu egin da. - Eta Yamweziren aita non dago? - Ez dauka aitarik. - Nola da hori? - Yamwezi gauaren semea delako. - Mwezi batzuetan ez zaitut ulertzen, zelan da hori? - Ba ez daukala aitarik, horixe! - Ezaguna edo ezezaguna, baina aita izan beharko du? - Bai. - Zer izan zen, gau bero baten ondorioa? - Ez. - Orduan? - Hori guzti hori baino errazago. - Ez didazu esan nahi, ezta? - Bai, nola ez dizut esango ba! - Kostatzen zaizu! - Finlandiako enpresa batetik lortu zuen hazia. - A! intseminazio artifiziala! - Bai, horixe. - Hazien kartarekin. - Bai, etxera bidali zioten. - Ezagutzen dut kontua. - Hor, ordenagailuan dituzu xehetasun guztiak. Berak egindako mugimendu guztiak daude ordenagailuko postan. Begiratu nahi badituzu, hortxe dituzu. Bazkal ostean Mwezi sofan erdi lotan geratu zenean, Norak paperak eskuetan hartu zituen. Ordenagailu eramangarria kargatzen jarri zuen. Irakurtzen hasi zen. Nekeza egiten zitzaion. Aitak irakatsitako kirundia urruti geratzen zitzaiola konturatzen hasi zen. Hala ere moldatuko zela uste zuen. Ulertzeko moduan zeudela idatzita ikusten ari zen. Arkatzarekin tindatutako letra idatziak denboraren poderioz horituz joandako koaderno koadrikulatu bateko orri zuri zimurtu solteak ziren. Bidaia neketsuaren seinaleak era honetan hasten ziren: - Goizaldeko ordu biak aldera erabaki da, neskatilaren ardura nik neuk neure gain hartzea, gogo onez egiten dudana bestalde, ni bera bezain bakarrik nagoelako, herenegun arratsean senarra eta elkarrekin genituen bi seme-alabak etxeko atarian hilik aurkitu nituenetik. Hemen geure hildakoei negar egiteko denbora ere lapurtu digute. Haraino heltzeko urre apurra eman didate, eta joango garen harako ere bai. Lagun izango ditudan sasoiko hiru gazte aurkeztu dizkidate. Arropa zaharrak jantzita, eskuetan makila, lepoan beste hiru-lau gauzatxorekin motxila, eta abiatzeko prest gaude. Emandako bedeinkapenaren ondoren eta ezer esan gabe, leinuko aguretxoa aurrean jarri zait, egurrezko gure ama, bitxia benetan, iduneko gisara ipintzeko. Larruzko sokatxoa ere kokote aldean lotu dit. Abiatu gara zehazki nora eramango gaituen ez dakigun bidean. Gogo barik baina halabeharrez goaz aurrera, oraindik ilunpean, argiaren arrastorik sumatuko ote dugun ere ez dakigula. Hala ere, desiragarria da pentsatzea gaueko iluntasuna ehunka zatitan hautsi duten eguzki izpi berriek egunero agertzeko patuaren indarra dutela. Akaso gaur, bihar, edo eta etzi ez dira geuretzako azalduko, baina helduko diren irrikan gaude. Ia laster datozen! Beldurra aspaldidanik sartu da gure etxeetan. Orain areagotuta daukagu, okelan izu bihurtuta. Baina ez gaude dardaran. Geure herriarenganako fedeak emango digu aurrera egiteko arnasa. Neskatoa zaindu behar dugu. Bere aita, ama eta neba-arreba guztiei duela ordu batzuk moztu diote lepoa. Bera bakarrik geratzen da buruzagiaren oinordeko. Esperantza handia da guztiontzat, ez bakarra, baina bai handia. Harribitxia da guretzat, eta hiltzaileek hori badakite; bizirik uzten badute egunen batean oso arriskutsu bihurtu dakiekeela badakite. Horretarako, egin dezaketen guztia egingo dute umetxo honen arima basamortu infinituan herratuta ibiltzera kondenatzeko. Zazpi urte soilik ditu, eta ziur dakigu oso zail duela joan beharreko lekura heltzea. Burunbura Mairien 1993ko udazkena amaitzera doa. Oraindik goizaldeko laurak jotzeko daudenean, Burunbura nekazalea zeharkatzeko erabakia hartu dugu, Tanganyika aintzira zeharkatzea ez baita guretzako aukera, heriotza baino. Handik aurrera Mwarotik Gitegara, eta gero Rutanatik, gure herrialdea atzean utziz, Tanzanian sartuko gara. Oraingoz horixe da gure asmoa, nahiz eta jakin badakigun Tanzanian ere ez garela seguru egongo. Lagun eta babes ditugun gazte gihartsuak hirurak dira gure leinuko buruaren taldekoak, fidagarriak, etxekoak. Oraingoz horixe idatziko dut, denbora baino lehenago harrapatzen bagaituzte bakoitzaren jaioterria non dagoen jakin ez dezaten. Jada Mwarokoaren lurretarantz goaz, gure eguzki handi eta gorria lur-bidea berotzen noiz hasiko esperantzarekin. Bidexketatik goaz, segurtasun handiagoa emango digun segurantza dugulako, besterik ez bada ere, horixe, babesa hitza dagoeneko gure ahoetatik jausi baita. Hor aurrean pertsona batzuen ibilia barrundatzen da. Azkar ezkutatu gara inguruko sastraka itxian. Senar-emazteak mutiko zaparroarekin doaz leporaino kargaturiko astoaren atzetik merkaturako bidean. Bistatik galdu ditugunean, gure aurretik ehunen bat metroko tartea utzita, mwarotarra jartzea pentsatu dugu. Era horretan, noiz ezkutatu beharko dugun abisua emango digu. Orpotik, aldiz, rutanatarra zuhaixka adar bat narras dakarrela dator aingeru zaindariaren antzera. Mutilak itzelezko entzumena dauka. Gaztetan ikasitako kanta zahar batek dio atalase guztiak kontu handiz begiratu behar direla, eta murmurikatuz bezala nabil. Mary txikitxoa ohartu da, eta irribarrea agindu didala uste dut; gaua hain da iluna! Atalase guztiak, barrura sartu aurretik, begiratu behar dira, adi begiratu, gainera euren bidea: aurretiaz ezinezkoa baita etsairik egongo den jakitea salan eserita esperoan. Kamioi baten dardara dator ez hain urrunetik. Zarataren aldetik, arineketan, hasperenka rutanatarra gu gauden lekura, izu-laborriak hartuta bezala heldu da. Deabrua kodainarekin zutik kamioi gainean datorrela diosku. Non ezkutatuko begira gaudela, unetxo bat besterik ez da izan, azken aldi honetan abandonatu ez gaituen izua sartu zaigu berriro okelan. “Ez dago izua hartzeko denborarik”, pentsatu dut, eta babesa non aurkituko bidexkatik urrundu gara. Munatxo bat hor aurrean eta arbola nahiko handia. Mary eta biok sustraietan sartu gara munaren beheko aldera. Ahal izan dugun bezain ondo ezkutatu gara. Xendrak ez dio kamioiari aurrera egiten utzi eta buelta eman behar izan du. Soldaduak jaitsi eta zigarroak erretzen hasi dira. Bat gauden aldera hurbildu da, eta munatxoaren gainetik txiza egiten dago. Ez da konturatu. Hiru- lau lurrean eserita daudela ematen du, berriketa argi- argi heltzen zaigu eta. Ez zaigu asko falta dardarka hasteko. Umeari begietara begiratu, eta hatza ezpainetara eramanda, isilik egoteko keinua egiten diot. Doministikua egiteko zorian dago, eta badaezpada eskua ahoan ipini eta burua ene paparraren kontra estutu diot. Panpoxa. Argia ikustea eragotzita dauden segundoek ilunpean jarraitzen dute, nolabait trabatuta egongo bailiran, eguzkia ez ikustera kondenatuta. Noiz alde eginen dute. Ordu erdi inguru pasa da. Ezin mugiturik leher eginda gaude; karranpak muskuluetan. Badoazela ematen du. Bai. Badoaz. Azkenean badoaz. Hiltzaile madarikatuak badoaz. Bagoaz. Gure umeak ezin du gehiago, oraindik Mwarora heltzeko asko falta zaigun honetan. Giregako mutilak lepoan hartu du. Abesti zahar bat datorkit burura, “...eta segi aurrera...”, bidezidorrean aurrera nekez goazela. Zeharkaldia hasi baino ez, eta bernak urratu zaizkit. Odoletan ditut. Enkontru eguneko eguerdi hartan, Mwezi andereak egingo zuena lo kuluxkatxoa besterik ez zen izango. Nekearen nekeak eragindakoa izango zen. Lotan geratuta ere, berehala esnatzen zen. Desagertuen ardurak ez zion atsedenik ematen eta, une oro, Mary eta Yanwezi mutikoa buruan bueltaka zituela antzematen zen. Disimulatzea nahi izaten bazuen ere agerikoa zen. Etsipena izango zen, ezen izaera aldatzeaz gain, nortasuna ere aldatzen du, dena aldatzeko indarrarekin etortzen baita; adorean ere nabaritzen zitzaion. Altxatu zen sukaldera joateko. - Kafe bat, maitea? - Bai, amona, luzea gainera –Nora Mwezi andereari amona deitzen hasiko zen, nolabait familiartekoa zela sentitzen ari baitzen; aireak ekarritako aita eta arbasoak buruan bueltaka izatearen ondorioa izan zitekeen. Dena hain urruti eta zerbaiti atxikitzea beharko zuen, baina ez huntzak orman bezala, mendietara eramaten duen oskilasoaren hegazkada bizkorraren erara baizik. Mwezik sukaldean kafea egiten ziharduen bitartean, Norak paperak ordenagailuan idazten jarraitu zuen. Handik ez denbora askora, eta paperetan buru belarri bazebilen ere, eten bat egitea pentsatu zuen, Mwezi anderea alaitu nahian-edo. Ordenagailua garraiatzeko maletaren kanpo aldeko poltsikotik liburuxka mehe bat atera zuen; edonora joanda ere, beti poltsa horretan eramaten zuena zen. Txirritaren bertso berriak ziren. Lehena eta zazpigarrena, 49. eta 51, orrialdeetan markatuak zituenak, Gernikako arbola gogoratzekoak, mihian erritmo motelean dantzatuz ipini zituen sukalderako bidean. 1/ Zeruko Aita, barka itzatzu pekatarien pausuak, Kantabria'ko deskalabroak dirade lastimosuak; arbola eder bat dala mediyo jartzera nua bertsuak, milla urtean mantendu gaitu lau probintzia osuak. 7/ Arbola orren zain prinzipala (3) zan Bergara'ko partean, arri sillarez inguratua burnizko kaja batean; milla zortzireun irurogei ta amalaugarren urtean satorrak fuerte ibilli ziran ura ebaki artean. - Bai bitxia doinua - Mwezi andereak bitrozeramika ondotik bota zion. Nora sukaldeko sarreran zegoen, irribarrea ezpainetan, lepoa atearen markoaren kontra jarrita. Oslon oso egun gutxi zeraman, eta berehalakoan Kantauri itsasoa desiraren erara etorri zitzaion. - Bertsoak dira, amona, gure haritz zaharrari botatakoak, - argitu zion Norak, lurrunean bilduta zetorren kafearen usaina etxe osoan hedatzen joan zen unean. - Gustatzen zait. Mwezi anderea izenburua ipinita zion karpeta zabalduta, Norak orri horiztatuetan aurrera egin zuen. Idatzi ahala ez zuen paperetan zegoena albaintzen, bere horretan utzi nahi zuen, Mwezik berak idatzia zuen bezala jartzea, izen, aditz, izenorde, egitura, xehetasun eta beste enparauak aintzat hartuta, bizipena errespetatuz. Hala ez egitea bekatu larritzat zuen. Ortodoxiak larri jartzen zuen. Batik bat orrazi kontuak ziren besoko iletsoak puntan jartzen zizkionak; dena txukun ipini beharra; dena zuzendu beharra. Jarraituko zuen paperekoekin: Ezertarako gelditu gabe, igaro berri dugun kafe- sail handia atzean utzita, orain berriro sabanaren barrenean ibili eta ibili gabiltza. Pausua nekez doa hemen. Mwarotarrari zail egiten zaio xendrari jarraitzea, eta galduko ote garen beldurrez dago, hainbat bidexka baitira begiratu beharrekoak. Bata bestearen atzetik joateko itxaron digu, eta belar makurtuak eskuarekin ukituz burua makurtuta dabil. Zarata arrotzik ez dugunez entzuten, izua lasaitasuna eskainiz lotan doala dirudi; hala ere, erne ibili behar onik aterako bagara. Indarrak makalduz doaz lehen gaua heldu den honetan, eta aurrean egokitu zaigun bizkarretik gora, esperantzak ekartzen duen kemenak bultzatzen gaituela uste dut. Ez gara lotarako geldituko, aurrera egin behar, eta, konturatu barik, akazia erne berrietan trabatuta geratu naiz, eta xendrara bueltatzeko neureak eta bi behar izan ditut, arantzen erresuminarekin bernak erabat urratu zaizkit eta. Orain aldats behera goaz, eta urratsa ematea, nekezago, zailago egiten zait. Umeak negarrari ekin dio lurrean etzanda, luzaroan, berriro Giregakoaren bizkarrean ipini dugun arte, eta, horren ondoren, atoan lotan geratu da. Eskerrak. Aurretik doana sarri jartzen da ortzira begira. Izarrartea irakurtzen eskuan mapa izango balu bezala dagoela ematen du. Hala ere, galdu egin gara. Geldi gaude. Mwarotarra gora dago begira, zerura. Unetxo bat izan da. “Goazen hemendik”, dio. Hotz egiten du. Menditxoaren hegiraino heldu garenean berriro aurkitu dugu bidezidorra. Pozik gaude. Apur baten esertzea erabaki dugu, mokadu bat egiteko behintzat. Goian ilargi bete itzela ikusten da, gure baitara lasaitasun zoragarria ekartzeko aginduarekin-edo egiten duela pentsatu nahi dut. Ahantzia nuen lasaitasuna zer zen. Bizkarra zuhaitz baten kontra ezarrita jarri naiz, zerura begira. Umea altzoan dut. Gozo dago lotan, aingeru baten antzera. Ez dut iratzartzea nahi. Beldur naiz iratzartzen bada berriro negarrez ez den hasiko. Esnatzen denean zertxobait emango diot jateko eta edateko. Kutunari ilea ferekatzen nago, eta masailean musu ematen diot. Gure laztana ez da esnatu. Aurrera egin aurretik ur apur bat edateko beta. Muino gainetik garaiera berdineko beste bat ikusten da. Aurretik doan gazteak errazagoa izango dela dio; bigarren muinoa ez dugula igo behar, bidezidorrak mazelatik egiten duela. Mazaletatik joanda ere, akiturik igaro dugu muinoa. Motelegi agertuko den egun berrian hotz egiten du. Izpien erreinuak bere aurpegi beroa oraindik ez du agertu nahi; lotsaturik dagoela ematen du, goibeldurik bezala. Laster etorriko dela ekarri dut gogora. Aurretik doan gazteak berak ondo ezagutzen dituen Mwaro lurretan sartuta gaudela dio. Bertakoa delako argi dauka, eta irribarrez dio ordu bete barru-edo txabola bat aurkituko dugula eta gainera, bertan indarra berreskuratzeko lo egingo dugula. Pozik jartzen gaituzten hitzak botatzen daki. Etxola arboladi baten barnean ikusi dugunean, harantzago, aurrealde urrunetik, beharrezkoa dugun sosegua ekartzera datorren eguzki gorri-gorria harro ari da lehen izpiak indarrez erakusten. Egurrez egindako aterpearen barruan, txingar batzuei airea ematen, aguretxo bat sua bizkortzeko dago makurturik. Ez da mugitu, soilik okertu ditu begiak gureak aurkitzeko. Berehala ezagutu eta zutitu da mutilarekin luze besarkatzeko. Gure beharrizanaz jakingo balu bezala-edo besteokin berdin egin du. Gure neskatilak begiak zabaldu ditu, eta aguretxoak sudurra hatzarekin ukitu dio. Panpoxak esker onez irribarretxoa agindu dio ezpainetan jarrita. Asrienek osaba duela dio, eta Ntabona duela izena. Emaztea hil zitzaionetik ahuntz taldearen ardura hartuta bakarrik bizi dela, eta horrek ematen diola bizitzeko haina, horrekin nahikoa duela gaineratu du. Handiturik dauzkadan bernek esertzera behartu naute oinetakoak kentzeko. Ntabonak berak eginiko ukendua ekarri dit. Oinetan ere emateko esan dit. Horixe egin dut. Usain gozoa du, eta emanez batera nabaritzen nago ondo egiten ari zaidala. Aguretxoa mendian isolatuta bizi bada ere, ematen du gertatzen den guztiaren berri duela. Lasai egoteko esan digu, sobera dakiela ezkutatzen eta. Hiltzaile horiek inoizkoren baten soilik ikusi dituela, baina aspaldi ez direla honaino etorri. Honaino etortzeko derrigorrean oinez etorri behar da, eta berak uste du madarikatu horiei oinez ibiltzea ez zaiela lar gustatzen. Etxolaren bazter batean, ahuntz-larru batzuen gainean, zirkulua egiten gaude lurrean eserita. Ntaboak taloak egin berri ditu, eta berriro sua bizkortuta lapikotxo batean ahuntz esnea berotzen ari da. Taloak eta eztia ekarri ditu zirkuluaren erdira. Gerotxoago, esnea lau katilutan dakar; ez dauka katilu gehiagorik. Akerko apur bat ere ekarri du, eta gazta zati bat. Gizonak akerkoarekin hasi dira. Ni neu ere bai. Hain gozo dago dena! Umea unatuta dago. Ni ere bai. Gazteak, sasoi betean daudenez, gau pasa egin balute bezala daude; ondo. Egun oskarbi eta sargoria dator. Atzean utzi ditu jada gauaren hotza eta desesperantza. Gosaria egin dugun leku berean lo egiteko prestu gara. Ntabonak lasai lo egiteko esan digu, muino gainetik bera jarriko dela zelatan eta. Laster igo da haraino. Bi ardi-txakurrekin igo da. Han goian, naturaren besoetan, garau bat besterik ez da, muinoei eta sabana zabalari so egonean dagoela. Behean, arboladi txikian disimulaturik, gu gauden txabola orban txiki bat besterik ez da izango lur gorri koloreko maindirean. Baliteke aguretxoa horixe irudikatzen egotea. Umetxoa ene besoetan lotan geratu da, eta ni neu ere bai. Iluntzea. Iluntze eder honetan gaua etortzear dago, eguzkia gorri-gorri sartzen ikusten gaudela, eta gure jainko lurrak, bere dohaineko handitasunean, zein ikuskizun ederrak ematen dizkigun pentsatu dut. Aguretxoa agurtu dugu, eta, biderako zertxobait ematen digun heinean, azken gomendioak adi entzuten dizkiogu. Batez ere bere iloba izan da arretaz jarraitu diona. Atera gara. Agur egiteko besoa altxatu dugu. Eskua mugituz egin dugu, horixe baita gure ohitura. Beherantz egiten du xendrak eta eroso goaz, dezente ibilia baita agurearen ahuntz taldeak. Bidezidorraren ondoan mizpirondo bat aurkitu dugu. Arbola bitxi kuriosoa iruditu zait. Ez dugu mizpirarik hartu, gogor daude eta. Gaua zarratu da arima bako bidean. Oraindik ez da ilargia agertu. Laster ikusiko dugu. Ez dugu inondik zaratarik entzuten geure oinek lurrean ateratzen dutena ez bada. Lasai goaz. Bi ordu inguru daramagu gelditu gabe eta atseden txiki bat egitea erabaki dugu. Gure kutunak ondo dagoela diosku; hala ere, oinak begiratu dizkiot. Gauaren iluntasunean badirudi ondo daudela. Beste aurpegi bat hartzen hasia dela antzematen diot, nolabait xalotasuna galtzen hasiko balitz bezala. Hemendik aurrera maltzurkeria apur bat ondo etorriko zaiola pentsatzen jarri naiz. Aurretik doan mutila laurehun metro aurrerago hiru-lau gizonezko daudela esatera etorri zaigu. Entzun egin ditu eta zigarroen txingarra ikusi duela. Derrigorrezkoa zaigu xendra utzi eta inguratzea, hori egiteak nahiko atzeratuko bagaitu ere. Berriro beldurra letaginak erakusten. “Gazte horiek hor aurrean zer egiten dute? Hemen inguruan etxolarik ez badago, zer egiten dute hor?”, ene buruari galdezka nabilkio. Erantzuna sobera jakina dudan arren, horixe etorri zait burura. Nolabait egonezina uxatu guran-edo izango da, baina erantzunak ez du bere baitan zalantzarik gordetzen. Bidazti nekatuak gara izuaren menpe. Bost gau osoak behar izan genituen Tanzaniara heltzeko. Behin mugatik harago, herritxo txiki batean basoko automobilekin bi lagun zain genituen itsasoraino eramateko. Beste lau egun behar izan ditugu nazio handia zeharkatzeko, eta dagoeneko Madagaskarrera doan itsasontzi barruan gaude. Gorputz arras triskatuetan galduta gaudelako sentsazioa badaukagu ere, bihotzean daramagun saminaren agergarritzat esango dut geure baitan ez dagoela bekaturik, eta hortaz gure arima ez dagoela okerturik. Finean, tutsiak gara, eta, gauden lekuan egonda ere, tutsiak izateagatik hiltzera kondenatuak. Horixe ei da gure patua, eta ez dugu amore emango. Norak Mwezi anderea agurtuko zuen, hurrengo egunean gosaltzera etorriko zelako promesa eginez, jarraian Bihonen etxerako tartea autobusez egiteko. Alde zaharreko geltokira heltzeko hamar minutu ingurukoa izaten bazen ere, auto ilararen erruagatik ordu erdiko bihurtu zen, eta handik Bihonen etxera beste bat eskas. Behin lagunaren bizilekuan, Mwezirekin izandako enkontrua aitari kontatzeko irrikan zegoen. Pentsatu zuen kontuak whatsapp soil eta hotza baino gehiago merezi zuela, eta gainera baziren bost egun gurasoekin ez zuela hitzik egiten. Sakatu zuen aitaren zenbakia. - Bihotza! Zelan hortik? - ama zen aitaren telefonoa hartu zuena. - Ondo, ama, inguru hau oso ederra da, eta jende jatorra dago hemen. - Pozten naiz, bihotza. Aita eta biok irrikan gaude zurekin egoteko! Hotzik eta? - Bai, eskerrak hemengo lagunak arropa utzi didan, ezpabere erostera atera beharko nuen. - Ez ibili hotza pasatzen, entzun? - Bai, ama, egon lasai. Hiru-lau egun gehiago baino ez, eta bueltatuko naiz. Deituko zaitut noiz joango naizen esateko. Ama, aita hor al da? - Bai, oraintxe jarriko da. Maite zaitut, bihotza! - Nik ere bai zu, ama! - Kaixo laztana! - aitak. - Aita, gogoratuko zara zertara bidali nauten hona, ezta? - Bai, zer gertatzen da? - Ba, eserita zaude? - Ez, zutunik nago. - Ba, eseri zaitez. - Ale, tira, zer da hori? - Lubakian hilik agertutako emakume afrikarra! - Bai, zer? - Burundiarra zela. - Nor? - Mary. - Zein Mary? - Zure lehengusina. - Mary Nicizanye? - Bai. - Erdu etxera! Erdu etxera, lehenbailehen! - aitak erabat beldurrez beterik aginduko zion hil ala biziko kontua bailitzan. - Ezin dut. - Nola ezin duzula? Utzi dena eta erdu etxera, atoan! - Ezin dut, aita. - Hil egingo zaituzte, laztana, erdu etxera, maitea, mesedez, maitea, erdu etxera atoan! - Egon lasai, aita, laster itzuliko naiz! - Ez, lasai ez, erdu berehala, edo ama eta biok joango gara zure bila! - Aita, ez egin hori; laster, egun pare bat bakarrik behar ditut, eta hor izango naiz –Norak bazekien egoera larria zela, baina aita eta ama lasaitzeko esango zion esandakoa. - Ez, maitea, ez! - Ez izan astuna, aita. Eskegiko dut. Agur. - Ibili zaitez kontu handiz, behintzat! - Bai, aita. Agur. - Agur. Behin telefonoa itzalita, aitak emandako agindua hausnartzen hasi zen. Trukatutako hitzak bueltaka zebilzkion, eta egonezinak ordura arte zeukan sosegua apurka-apurka jaten arituko balitz bezala sentitzen zuen, denbora gutxira izuak gainezka egingo baitzion. Kontua berak uste baino larriagoa zela jabetzen hasi zen. Bera ere nahasita zegoela uste izaterainokoa zen egiten zebilen gogoeta. Etxeko sarrailan giltza zelan sartzen zen entzun zuen. Ikaraturik zutitu zen. Artegatuta zegoen. Ez zekien zer egin. Ez zekien nora joan. “Non ezkutatu ninteke?” sokorruka galdetu zion bere buruari. “Balkoian..., baina berehala konturatuko dira, eta gainera hirugarren solairuan nago. Neure burua botatzen badut behean hilda agertuko naiz”, jarraitzen zuen pentsakor. Noraezean zebilela, Bihon izan zitekeela ere pentsatu zuen. - Nora, etxean al zaude? - galdera sukalderantz zihoala entzungo zuen. Emakume ahotsa zen, eta ezaguna. - Eskerrak, Bihon! Noraezean nenbilen izuak hartuta - Nora dardarka zegoela jabetuz, Bihonek indarrez besarkatu zuen babesa eman guran. - Zer gertatzen zaizu? - Ikaratu egin naiz! Egunean gertatu zaidanarekin larri nago. Aitari deitu diot eta oraindik okerrago ipini nau. - Zer da, ba? Dardarka eta irribarre goibela antzematen dizut! - Disimulatzen nabil, ba! - Zer gertatzen zaizu? - Esan dizut, eguneko gorabeherak. Baina horretaz gero hitz egingo dugu. Zu, zelan? - Ondo, betiko martxan. - Unibertsitatean ondo? - Bai. Badakit nondik nora ibili behar dudan. - Aizu, Bihon, ez dut izan astirik afaltzeko ezer ipintzeko. Heldu eta aitari deitzeko baino ez dut izan betarik. - Egon lasai. Beheko tabernara joango gara. Ogitartekoa jango dugu eta garagardoa edan. Zer, txarto ala? Neuk gonbidatzen zaitut. - Ederto. Behar dut irtetea. Zeharo lur jota nago. - Lasai. Komunera noa. Gero zigarro bat eta kalera. Aizu, Nora, egidazu mesede bat. - Bai, zer? - Hartu lainoztagailu hori, bete ur freskoarekin eta bota iezaiozu goroldioari. - Zer da goroldioa? - Ez dakizu goroldioa zer den? - Ez. - Ene bada! - Ez dakit! - Zer diozu? - Ezetz ba! - Ezin dut sinetsi! - Ea, esadazu zer den! - Erdu. Bihonek egongelako hiru balkoietatik erdikoaren ateak zabalduko zituen, eta kalostratik ateetarainokoa zen loreontzi borobil itzel handian aspaldi gainezka egina zuen goroldioa nagusikiro agertuko zen balkoiko zoruan zehar hedatuz, berde-berde, indartsu, tapizaren erara hazten. - Hauxe da goroldioa - Bihonek. - Ikaragarria da. - Bai, ezta? Norak goroldioa ukitzeko eskua luzatu zuen, eta samur, gozo, suabe, sentitu zuen. - Zer deritzozu? - Gozamena da laztantzea - Norak. - Bai, ezta? - Bai. Lorerik ematen du? - Ematen dituen loretxoak bitxi-bitxiak dira. Burdeos koloreko harizpiak izaten dira, oso txikiak, mehe-meheak, kuriosoak benetan. - Bere gainean etzateko gonbita egiten duela ematen du. - Bai, ezta? Badakizu munduan zehar desagertzen ari den landarea dela? - Zelan jakingo dut, zer den ere ez nekien eta. Klima- aldaketa? - Ba, orain, badakizu. Klima-aldaketa diozu? Ez izan zalantzarik. Horrela da. - Ikaragarria da gertatzen ari dena, ezta? - Badakizu dagoeneko zenbat espezie, bai animalia bai landare espezie, desagertu diren? - Zenbaki zehatza ez dakit, baina ziur pila bat direla. - Azken hamabost urteetan hamar! - Ikaragarria! - Eta datozen hamabost urteetan? - Pila bat izango dira! - Zuk esan duzu, pila bat izango dira. - Eta datu horiez gain arriskuan daudenak? - Batzuk badakizkit, esaterako intxaurrondoa, gereziondoa, gaztainondoa, palmondo mota batzuk, mitxoleta, lilipa, zizare-belarra, eta pila bat gehiago. - Eta tximeletak? Sasoi batean baserri inguruetan ikusten ziren mila kolore desberdinekoak desagertu dira. - Nik ikusi ditudan tximeleta bakarrak National Geographic-eko dokumentaletan ikusitakoak dira. - Zuk bezala beste askok. - Asiako liztorrarena jarraitzen duzu? - Bai, nola ez! - Ezin dela desagerrarazi diote. - Erabat desagerrarazi akaso ez, baina kontrolpean izan bai, nola ez! - Dirua? - Noski. Asiako liztorrarena kontrako talde bereziak sortu behar dira. Administrazioak sortu behar ditu. Herritarrek salatzen dute baina... - Zuhaitzetan egiten dituzten habiak errazak dira ikusteko, baina lur azpian egiten dituztenak zailak dira. - Bai, horretarako behar dira talde espezializatuak. - Japonian badaukate horretarako prestaketa. - Zuon herrialdera sartu da liztor hori? - Nora ez? - Dagoeneko edonora. - Hori ba, arazoa herrialde guztiona da. - Goroldioa bera, herrialde askotan dagoeneko desagertu den landarea da. - Bai, esan didazu lehentxeago. - Hori ba! - Etorkizun latza. Erleak eta tximeletak desagertzen badira landaretza desagertuko da, eta landaretza desagertzen bada animaliek eta gizakiok ere bide hori hartuko dugu. - Beldurra sartzeko kontua. - Tori, hartu lainoztagailua. - Ur freskoarekin beteko dut eta gero lainoztatu? - Bai. - Oso osorik? - Bai eta beldurrik gabe. Maite du hezetasuna, hobe esanik, behar du hezetasuna, bestela hil eginen da. - Horretan maistra naiz! - Zuk egin horixe. - Ok. - Komunera noa. - Nik ere joan behar dut. - Nire ostean. - Ok. - Gero zigarro bat eta kalera, ok? - Ok. - Goserik? - Amorratzen nago zerbait jateko. - Ni ere bai. - Zerbait berezirik jatea nahi? - Pernila. - Pernila? - Bai, pernila! - Ez dut uste pernila daukaten tabernaren bat aurkitzeko arazorik izango dugunik. - Ohikoa hemendik? - Badago, ez hangoa bestekoa, baina beno. - Iberikoa eta horrelakorik heltzen da hona? - Nik nahiago dut Baionakoa. - Baionakoa jan duzu, ala? - Bai, han egon nintzenean jan nuen. - Zuk probatu ez duzunik ez da egongo. - Ez pentsa. zazpi Eguraldia aldatuta sumatzen zuen, ez asko, baina nahikoa goiz hartan aurrekoetan baino freskoagoa egiten zuela antzemateko, edo bazitekeen tiroketan zauritua izan zenetik hozberago bihurtu izana. Hori izango zen, segur aski, ezen Haakonsson inspektorea hotz handiagoarekin inoizkoetan mauka-hutsik ere ikusten baitzen. Taldekoek hainbat egun zeramaten gelditu gabe ikerketak egiten, inolako zalantzarik gabe, zeukan guztia eman ondoren Oihan Beltzean gordeko zen halako filosofoak esaten zuen bezala-edo ibiliko ziren, hausnarkariek belarra nola, eurek pentsamenduaren printzak hala marruskatuz; noski, hausnartzen; Nietzsche izango zen. Lubakian hilik agertutako Mary Nicizanyeri buruzkoan lehentasuna emanez buru belarri zebiltzan. Tamaina hartako lanak aurrera ateratzeko, jakina da ekinean aritu behar dela, eta goiz hartan, hain zuzen ere, halaxe zebiltzan; gainera, haietariko batzuk inoiz baino biziago eta arduratsuago. Mugimenduan zebiltzanen aurpegiei begiratuta, zerbait gertatzen ari zelako susmoa hartu zitekeen, eskuartean zeukatenari ongi aterako zelako usaina hartuta zeuden, itxaropentsu, hieroglifikoa egiteko gauza izango zirelakoan. Gulbrandsen detektibea bertako teknikariekin informatika-gelan zebilen lanean. Mahaitik altxatu zen. Aurpegian irribarretxoa jarri zuen, zerbait argi ikusten zuen seinalea agertuz, eta solairu berean zegoen Haakonsson inspektorearen bulegora zuzendu zen, atea jo ondoren zabaldu eta sartzeko: - Ebbe! - Bai, Dagny! Irribarrea, e! - Bai. - Zerbait argi? - Bai. Haakonssoni bala madarikatu hark sorbaldan egindako zauriak min izugarria emateaz gain ez zuen bakean uzten; mina ezin kendurik zebilen. Ordurako gainditua izan beharko zuen, baina orduak ez ziren horrela etorri. Gainera, puntuak kentzeko hamargarren eguna oraindik urrutiegi zegoela ikusten zuen. Eskerrak ospitaleko medikuak emandako lasaigarriak aldean zituen. Kirol-jertseko poltsikoan zuen flaskotik pilula pare bat atera zuen eskura, eta jarraian ahora sartutakoak mahaiaren aldamenean zuen ur botilatik zurrutada luzea hartuta irentsi zituen. - Esan. - Ebbe, badaukagu zerbait. Baduzu etortzerik? - Non zaudete? - Informatika-gelan. - Bon - Haakonssonek jaikitzeko besaulkiko beso-euskarrietan eskuak ipiniaz batera, sortutako minaren keinuan begiak ere izurtuz, muturra okertuta erantzun zion. - Etortzeko moduan zaude? - Bon. Goazen. Ezer aurreratzea nahi? – Haakonsson pasabidean galdezka. - Bai, bahiketa. - Hala izan behar, lubakira bere kabuz ez zen joango eta! Behin bideo-gelan, Dagny aritu zen aginduak ematen. Ikerketako xehetasun guztiak bere ardurapean zeuden, nahiz eta, jakina zenez, kasua, ezinbestean, Haakonsson inspektorearena zen. - Bahiketa hasten den unetik jarri martxan! - Gulbrandsen detektibeak agindu zuen- . Ebbe, une horretara arte ez dago ezer. Behin eta berriz aritu gara, eta bahiketa gertatzen den arte ez da ezer ikusten. Bai, ikusten da jendea batetik besterako ibilian, baina bahiketarekin ez daukate inolako loturarik. Gainera, horien artean ez da afrikarrik agertzen. - Nongoa da grabaketa? - Haakonssonek xehetasun horri garrantzia ematen ziola galdetu zion. - Banketxe baten sukurtsaleko grabaketa da. Kalea argi-argi ikusten da; beno, argi-argi esate bat da. - Nongo banketxekoa? inspektoreak moztuko zion. - Bide osoan dagoen bakarrekoa. Stromsvein-eko banketxekoa. Ez da argi-argi ikusten baina nahikoa jakiteko Mary eta semea direla. - Zenbat bahitzaile dira? - Hiru; beltzak hirurak. Grabaketa banketxe barrukoa da. Barruan dagoen kameraren bisore optikoak sarrera soilik hartzen du; badakizu, legea - Dagny Gulbrandsenek erantzun zion. - Ea, jarri martxan! Une horretatik aurrera! - Haakonssonek denborarik galdu nahiko ez balu legez. - Bai. - Zein ordutan gertatzen da bahiketa? - Bostak eta hamar minutuan. - Ba, eraman horra grabaketa. - Bai, hemen dago. Berriro ere grabaketa ikusten talde osoa jarri zen, baina oraingoan Haakonssonek esango zuenari arreta ipinita. Grabaketan gidaria barruan geratua zela argi ikusten zen, eta beste biak Maryren gainera botatzeko furgoitik ateratzen zirela. Maryk, senezko erreakzioa izango balu bezala, semeari alde egiteko deia eta keinuak egiten zizkiola ere argi eta garbi ikusten zen. Alde egiteko ahaleginean, haurra alderantzizko norabidean korrika zihoala, Maryk erasotzaileen kontrako borrokan segitzen zuen, eskuak, belaunak, oinak, burua eta gorputzeko alde guztiak erabiltzen zituela. Baina alferrik. Furgoira narraska nola zeramaten ikusten zen. Sokorruka. Haurraren motxila lepoan zeraman. Dena istant batean gertatu zen; apenas segundo batzuen buruan. - Ea, itxaron apur bat. Bota atzera, Mary eta mutikoa agertzen hasten diren unera. Atzera bota zuten. - Mutikoak ez darama motxilarik, eta Maryk motxila bat bakarrik darama ezkerreko sorbaldan. Egiten dituen mugimenduetan ematen du ez dela astunegia, eta bere eskuko poltsatxoan ez dauka ezertarako lekurik, ez bada makillajeko zerbait, edo telefono mugikorra, etxeko giltzak, txikleak, eta beste zeozer. - Hori ematen du - Gulbrandsen detektibeak erantzun zuen. - Hori da. - Zer zabiltza barrundatzen? - Mwezi andereak gezurra esan zigula. - Zergatik? - Ez zinen zu han egon? - Haakonsson zalantzan zegoen. - Bai, baina zer esan zigunean? - A, egia da, zu aginduak ematera bulegora etorria zinen. Galdetu nionean ea egunkari pertsonalik-edo zuen, ni berarekin bakarrik nengoen. Berak, erantzunez, galdera bota zuen ea gaur egun horrelakorik inork egiten duen, eta ordenagailu bat bazuela, baina Maryk egunero eramaten zuela lanera. Motxila horrek ematen du mutikoarena dela, ezta? Barruan ordenagailua izango balu ez luke era horretan eramango, astunegia izango litzatekeelako. - Beno, Mwezik esan ziezazukeen ordenagailua, baina erratu bazen eta tableta esan nahi bazizun? - Bai, baina bankura tableta eskuetan eramango zuen? - Ez. Ez dut uste - Gulbrandsen detektibeak, erabat ziur. - Nik ere ez dut uste eskuan eramango zuenik. Bere poltsatxo horretan bada tableta sartzerik? - Ez dut uste. - Beharrezkoa da poltsatxo horren neurriak jakiteko aplikazio informatikoan kalkuluak egitea, fidagarritasuna izateko? - Ez. Argiegia da –Gulbrandsenek. Haakonsson eta Gulbrandsenen arteko solasa zen. - Hori ba. - Ez. Aldean ez zeraman ordenagailurik, ezta tabletarik ere; beraz, lanera ere ez zuen eramango. - Hortaz, zerbait ezkutatzen dabil. - Haakonssonek, erabateko ziurtasunarekin. - Zurekin bat nator. - Ordenagailua, edo tableta, edo biak, Mwezik bere etxean izango ditu gordeta. Beno, gordeta esan dudanean segurantza handiegiarekin esan dut, eta zalantzan nago Mwezi andereak beste zerbait ere ez ote duen gordeta. - Segur aski –Gulbrandsenek erabat konbentziturik baieztatu zion- . Baliteke egon daitekeen nolabaiteko kontu horretan inplikatuta egotea. Hori esan nahi duzu, ezta? Haakonssonek ez zion galderari erantzun, eta aginduarekin jarraitu zuen. - Ea, goazen berriro grabaziora. Zenbat denbora irauten du? –Haakonssonek, aurrera eginez, hura guztia laburbiltzeko nahiarekin. - Hamahiru segundo. - Profesionalak, eta hirurak afrikarrak. Badirudi Sikkerhetstjenestekoak adi dabiltzala. Hilketaren eragingarria Buyumburan dagoela ematen du. Bertako egoera oso larria da. Oposizioa Nkurunzizaren erregimenaren kontrako borroketan dabil. Hilketak, bahiketak, desagertzeak, bortxaketak..., oposizioak indarrak bildu behar ditu, eta Mary Nicizanye hango tutsi politikari handia izan zenaren alaba da, beno izan da. Hori izan daiteke eragingarria. Mary, politikari garrantzitsuaren alaba izanik, hara joan izan balitz oposiziokoak harrotuko zituzkeen. Hango jendea inork baino hobeto bilduko zuen. Hor arriskua. Baina, hori bakarrik? Hainbeste urteren buruan, orain? Zergatik orain eta ez lehenago? Dagny, zeozer falta zaigu. - Zer izan liteke? - Daturen bat falta zaigu –Haakonssonek. - Ez dut ikusten. - Zuk lehentxeago egin duzun galderaren haritik, eragingarriak beste zeozer ere izan behar du, nahi eta nahiez, zeozer gehiago izan behar du. Baina zer? - Afrikar talde horrek nola jakin du Mary non bizi izan den? - Erantzun erraza da hori, Dagny. Hori informatikan erdipurdiko trebetasuna duen edozeinek lor dezake. Maryk sekula ez du bere Nicizanye abizena ezkutuan eraman. Horrek aurkitu beharrekoa are gehiago errazten du. Bueltaka guk ez dakigun beste daturen bat ez badabil, lan erraza da. - Baina bazekiten Mary Burundira joatekoa zela? - Oraindik hori ez dakigu, baina Mary Burundira joan ala ez, arriskua tamaina berdinekoa zitzaien. Joango balitz, arriskua. Joango ez balitz, joan zitekeen, beraz arriskua. Mary garbituz gero, arrisku hori betiko kenduta. Beste zeozer ez badago. - Mary Burundira joatekoa ez bazen, beste agertoki baten aurrean egongo ginateke, ezta? - Bai, zalantzarik gabe. Horrela izango balitz beste alde batera eramango gintuzke, nahiz eta hori ez dakidan gure ardurapekoa, ala Sikkerhetstjenestekoena izango litzatekeen. - Zergatik? - Espioitza kontuetan murgilduko ginatekeelako. - A! Bai. - Eta kontuak horrantz badoaz, guk ez dizkiegu lanak Sikkerhetstjenestekoei egingo, ezta? - Inolaz ere ez! –inspektoreak egin berri zuen gogoetak erabat konbentziturik Gulbrandsenek baieztatu zion. - Ikusten duzu? - Bai. Baina nola jakin dute Mary bizirik zegoela? - Galdera ona. Hor dago koska. Horrexek garamatza zalantzan daukagun puntu horretara, hain zuzen ere Sikkerhetstjenestekoengana. Dagny, jarri beste patruila bat bazterrak arakatzen, haurra aurkitu behar da eta. Eman lehentasuna horri. Segur aski, beldurrez beterik, gosez eta batek daki nola, nonbait ezkutatuta egon daiteke. - Oraintxe bertan. - Beste gauza bat, Dagny. - Zer? - Informatikariak badabiltza zeozertan? - Lan nekeza daukate, baina badabiltza –Gulbrandsenek, inspektoreari aurpegira begiratuta. - Mary zeozertan zebilelako susmoa dut. - Baliteke. Hori informatikarien lanak argituko du. - Telefono deien mugimenduak eta Interneteko jarduera behar ditugu. - Ibili badabiltza baina oraindik ez daukate emaitzarik. Aurkitu duten informazioa enkriptatuta dago, eta hodeian gainera. Oso zaila izango da ezer garbirik jakitea. - Zer informatikari edo zer daukagu, ba? - Hemen daukagun informatikari taldea primerakoa da, baina nahi dugun informazioa lortzea oso zaila. Esan dizut lehenengo hodeira sartzeko pasa hitza behar dela, eta gainera informazioa enkriptatuta dagoela. Antzerako arazoa izan dute Estatu Batuetan. Uste dut informazio hori epaile baten aginduarekin bakarrik lortuko genukeela. Telefonoko mugimenduak ateratzea baliteke errazagoa izatea. Dena den aurreratuko dizut beste gauza bat: Suediako TELIA eta Norvegiako TELENOR elkartu direla. Baina gehiago dago. TELIA UNISOURCE taldearen barruan dago, eta Holandako KPNrekin elkartu dela. Baina itxaron, TELENOR BRITISH TELECOM taldearekin elkartu da, eta baliteke Suediakoekin partzuergo berri baten bidez elkartzea, eta hori guztia gutxi balitz bezala, Estatu Batuetako SBCCOMek COMCAST erosi eta beste horiekin guztiekin nahastean dabil. Eta nora joko dugu, zuzenean Telenorera, edo epaileari agindua eskatzera goazenean denetara joatekoa eskatuko diogu? Haakonssonek ez zuen ezer erantzungo, eta begirada behera zuela itxaron zuen Gulbrandsenek jarraitu arte. - Laster jakingo dugu zertxobait gehiago, buru belarri dabiltza eta. Orduan ikusi beharko da, epailearen atea zabaldu, edo lan hori Sikkerhetstjenestekoentzat utzi. - Zerbait daukatenean mahai gainean nahi dut - Haakonssonek begirada behera zuela jarraitzen zuen. - Horrela izango da, egon lasai. Haakonsson inspektorea oraindik oso urruti zegoen hipotesi argia emateko. Ideia batzuk balantzaka zituen, eta orotara, kontu guztia koadro bateko irudi lausoa bezala ikusten zuen. Datu gehiagoren beharra zuen. Ezer esan aurretik, garunetan korapilo bezala zituenak egiaztatu behar zituen. Berriro ere barne-muinetaraino blaituko zen, xehetasun guztiak buruan bueltaka ipinita. Grabaketa ikusi zuenetik galdera berriak etengabe zetozkion. “Zergatik bahiketa? Ez al zen ba errazago, bertan, zeuden lekuan, Mary eta bere semea erailtzea? Zergatik agertu zen Maryren gorpua lubakian? Eta zergatik orain? Egoera politiko berriagatik bakarrik ezin zitekeen izan. Edo bazitekeen Mary Nicizanye anderea galdeketa egiteko bahitu behar izana, berak zekien guztia ateratzeko. Hori horrela izan balitz, Maryk Burundiko oposiziokoekin nolabaiteko harremanak izango zituen?”. Bakarrik, inori ezer esan gabe, aldi baterako behintzat telefonoa itzali ondoren, bulegotik ezinean bezala alde egin zuen, galdera haiek guztiak zeuden kako artetik irten nahian, indargabe, trabatuta. Begirada galduta jarri zitzaion. Aker tabernan inoiz baino jende gehiago zegoela ikusi zuen. Erlojuari begiratu zion; oraindik goizeko hamarrak ere ez. Kasu bat esku artean izaten zuen bakoitzean gauza bera gertatzen zitzaion, ez zuela jakiten goiza, ala arratsaldea, edo gaua noiz izaten zen. Berdin zitzaion. Denborak berarentzat plano lauan egiten zuen aurrera, ez gora, ez behera, nondik norakoak entzefalograma planoa agertuko balu legez. Buruan horixe bakarrik izan zezakeen, kasua. Kafeina behar zuen. Haizeak olatuen gainean bortizki jotzen zuen, fiordoaren kontra jaurtitzera bulkatzen zituela, harriak indarrez astintzera derrigortuz. Kolpean aparrarekin batera sortutako hotsa laino zarratuarekin nahasian zetorren alde hartara ematen zuten kaleetan barreiatzeko, larrialdietan anbulantzien sirena uluak zabaltzen diren erara. Kirol-jertsearen kremailera goraino igoko zuen. Erlojuari begiratuko zion. Goizeko hamarrak eta minutu bat ziren, hain justu. Minutu bat lehenago ere begiratu zuela konturatu zen. Bart gauetik ezer jan gabe zegoen, eta sabelean zorriak zituela jabetzen hasita zegoen. Ez zuen jende gehiegiren artean egon nahi, eta garuneko indarra bizkortzeko antsiaz, hurrengo kafetegira oinez zuzenduko zen. Kafea aditasuna berreskuratzeko erabiltzen zuen; arreta izateko bizkorgarri paregabea maitalea bezalakoa zitzaion. Likido preziatu beltza edan eta gero, adimenean erdi lotan izaten zuena bat- batean etortzen zitzaion, eta, aldi berean, nekeak ekartzen zion beherakada uxatzeko ere lagungarri itzela zuen. Handik ez hain urrun zegoen tabernara, inoizkoren baten joaten zenera, sartu zen, bertako bezero gehienen begiradei ezikusiarena egitea erabakiz. Ile beltz kizkur eta aurpegi luzangadun emakume atseginak irribarre samurrarekin egingo zion harrera. Irribarreari ez zion garrantzirik eman. Kafea eskatu heinean, barrako beiratean ikusi zuen Geitosta ere ekar ziezaion erregutu zion. Aldamenean zuen egunkaria hartu eta atzetik aurrera zabaltzeko asmoz, begirada zoliaz orriak azkar pasatu zituen, zazpi orri atzerago kafearen artikulu luzea egokituko zitzaion arte. Irakurtzen jarri zen. - Begira kafeari buruz zer dioen hemen - andrazko zerbitzariari esan zion. Hogeita hamarren bat urteko gazteak barraren atzealdetik beste irribarre bat agindu zion, biziagoa oraingoan, eta bekainak gora eraman zituen musean dupleekin bezala. - Zer? - Interesgarria! - Zer dio, ba? - Kafeinak duen egitura kimikoa eta ahalegin handia egiten denean burmuinak bertako zelulak babesteko sortzen duen substantzia antzerakoak ei direla. - Horregatik izango da guk hainbeste kafe edatearena? - Baliteke. Begira, hau ere interesgarria da: kafeinaren molekulek zuhurtziaz jokatzen omen dutela dio, burmuinak sortzen duen substantzia horren antzera. - Zer dio, kafeinaren molekulak zuhurrak direla? - Hori dio hemen! - Zeozer izango dute bazterretan hainbeste kafe edateko, ezta? - Hori, ba! - Zeren kafea edaten dugu, gero! Haakonssonek artikulu hartan irakurtzen zegoena aspalditik zekien. Horregatik, kafea behar zuenean neurriz kanpo edaten zuen. Gainera, egunkariko artikulu hartan beste gauza bat ere bazetorren idatzita: kafea edaten dutenek nekez izaten dutela erotasunean jausteko arriskua. Hori ez zekien. Hori irakurri zuenean, nolabaiteko lasaitasuna eta poza hartu zuen, bere garuna jada ez zegoen parrandara joateko moduan eta. Kafeari zurrupada ematearekin batera, lagungarri gisa, Geitost zati txiki bat ahoratu zuen; gozo zegoen. Komunerako ibilian, abegi ederreko neska katxarroari beste ebaki bat eskatu zion. Konketako kanila zabaldu eta urari irteten utzi zion une batez, jarraian likido preziatua esku biak elkartuta hartu eta aurpegian zabaltzeko, txapla-txapla. Horren ostean eskuak kopetatik burugainerantz eramateko mugimenduarekin ileak atzerantz egokitu zituen, barrutik garbi sentitzerainoko freskatze ahaleginean. Barrara bueltatu zenean marmarra isiltasun bilakatu zen bere presentzian. “Isiltasuna pobreen indarra zela esaten zuenak arrazoi zuen”, supituan etorri zitzaion burura. Zail egin zitzaion hura botako zuena nor izan zitekeen gogoratzea. “Chaplin izan zitekeen?” - Alboratu zuen galdera. Taberna bazterreko mahaian marinel zaharra zegoen eserita. Naufrago Bakartiak esku artean ginez beteriko baso zabal bat zuen, bera bakarrik, urruntasuna begietan luze ipinita, pitean-pitean basokoari zurrupada arina ematen ziola. Atzamar dorpeekin paper puska tolesten ziharduen itsasontzi txikitxoa egiteko antsiaz. Ginaren gainean nabigatzen jarri nahi zuen, aldizka bulkadatxoak emateko, itsasontzitxoa kristalaren eremu biribilaren inguruetan kolpatzera behartuz, eta, derrigorrean norabide laburra aldatzean, paper zatiaren mugimenduak sorrarazi zituen uhintxoak olatu erraldoiak zirela pentsatuz ibili zen, segur aski. Handik ez denbora askora, itsasontzia ginean ikusi zuen urperatzen, astiro-astiro, beherantz zihoala, hondora. Gero, erreskatatzeko, ginean gaztetatik maskurtutako hatzetatik bi sartuko zituen, eta begien parean ipinita unetxo batean so geratuz, istant bat baino ez, paper zatia ahora sartuko zuen ez mastekatzeko, begiak ozeanora oso luze jarrita irensteko baizik; burmuina ozeano infinitu bilakatzen zitzaion, behar bada. Haakonsson Naufrago Bakartiarengana hurbilduko zenean ondoan eseri zitzaion, lepoan eskuarekin fereka leuna egin ondoren zera galdetzeko: - Zelan dabil, itsasoa? - Olatu handiak gaur! - Lema ez galdu, bestela hireak egin dik! - Nireak aspaldi egin zian! - Zertan habil? - Olatuak gidatzen nabilek! Ez nauk ikusten, ala? - Eta obeditzen diate? - Beti, bestela irentsi eginen dizkiat. Beraiek bazekitek! - Gin apurra nahi? –Haakonssonek. - Egundo ere ez sobera! - Ondo zegok! Haakonsson bueltatu zen barrara eta zerbitzariari lehenago eskatutako ebakia non zegoen galdetuko zion. - Hotz geratuko zitzaizulakoan oraindik ez dizut ipini. Atoan jarriko dizut! - Bon. Beste gauzatxo bat, andere! - Zer? - Naufrago Bakartiari gin apurra eraman eta kobratu neuri. - Ondo. Kafeak zein ondo egiten dizun, e! - zerbitzariak nolabaiteko hizketarekin jarraitzeko asmoarekin ekin zion. Atsegin zuen Haakonssonekin hitz egitea. Enpatia kontuak izango ziren. - Bai - inspektoreak erantzun zion, berriketan aurrera egiteko. - Egunean zenbat? - Hainbat. Eta zure mutil-lagunak zer esaten dizu? - galdera inolako garrantzirik eman gabe, eta hizketaldia huskerietara eramateko asmoarekin Baiona balio zuenari bota zion. - Nire mutil-lagunak ez dit ezer esaten. - Nik esango nizuke. - Zer esango zenidake? - suabe erantzun zion, barran besoak jarri, eta burua zertxobait hurbilduz Haakonssonek berak soilik entzuteko moduan. - Iluntzean lanetik ateratzen zarenean kopa bat, eta zure etxean edo nirean larrua. Horren ostean afaltzera gonbidatuko zintuzket. - Aupa! Baina ni zuretzat oso gaztea naiz! - burua atzerantz bota zuen astiro-astiro, eta eskuak barraren hertzean jarri zituen, bere horretan ekiteko gogotan, baina distantzia ñimiñoa ipiniz. - Abesti bat datorkit burura. - Zein abesti? - Ez dut gogoratzen. - Abestia ez duzu gogoratzen edo izenburua? - Izenburua da gogoratzen ez dudana. - Norena? - Hori ere ez dut gogoratzen. Alzheimerraren zantzuak-edo izango dira. - Ziur ezetz! - Gogoratzen dut hegoaldeko batek abesten zuela, ez dakit ba, Valverde ez ote zen, eta Antton izenez - Haakonssonek garrantzi handirik eman gabe jarraitu zuen. - Eta abestiak zer dio? - Maitalea eta printzesaren artekoa da. - Eta? - Bada oso gaztea den amorante bat bere printzesa gorteatzeko lotsetan. - Ta? - Ba, oraindik gaztetxoa zela erantzungo ziola. - Eta? - Hamazortzi urterekin gauza bera, eta erantzuna maitemintzeko gaztea zela. - Polita. Eta? - Eta berdin. Apur bat aurrerago ezkontza eskatuko zion. - Ta? - Aspertzen zuela esango zion, beste batekin ezkonduko zela, eta joateko apaiz. - Hor amaitzen da? - Ez. - Zer gehiago? Gustu hartzen ari natzaio! - Geroago adarrak, eta kontu horretan, erantzun berdina; etxekoandre jatorra zela. - Eta nola amaitzen da? Irrikan nago jakiteko! - Mutilzahar, eta andrea etxeko ateetan aurkituko zuen hartan, erantzuna jakingo duzu zein izan zitekeen? - Ez dakit ba, esadazu, arren! - Alarguna zela eta beragan maiz pentsatzen bazuen ere, oheratzeko zahartu zela erantzungo zion. - O, ez! - Oraindik ez! - Bitxia istorioa. - Bai, ezta? Zu ere gazteegia, orduan? - Ez. Ni gazteegia naiz zuretzat. - Lastima! Agur. - Hurrengoan etortzen zarenean ea zelan nagoen! - Hizketaldiaren puntu berberera bueltatuko gara? - Baliteke! - Agur! –Haakonssonek, begiratu pikaroa aurpegian itsatsita. - Agur, bihotza! Oraintxe bertan sartuko naiz Interneten abestia entzuteko, irrikaz jarri nauzu eta. - Oso ondo. - Agur! Nora Mweziren etxera hamarrak eta hogei aldera helduko zen. Hara joandako lehen aldian taxian joan bazen ere, handik aurrera, autobusez egitea erabaki zuen; merkeagoa izateaz gain, erosoagoa iruditzen zitzaion; bazterrak ikusteko hobea. Bestalde, Mwezi andereak bezperan Nora ezagutu zuenetik haren falta sumatzen zuen; haren beharra sentituko balu bezala zegoen Nora noiz agertuko. Nolabait Norak aitarengandik jasotako Burundiko kultura sakontzeko ardura bere gain hartzeko gogoa zuela antzematen zitzaion Mweziri. Gerora ikusiko zenez, Norak asmoa begi onez jaso zion, berak ezagutu ez zuen amonaren ordezko bezala onartua baitzeukan. - Kaixo, maitea, bazatoz! Zain ninduzun. –Mwezi, luzetsita, Noraren aurrean eskuzabal agertu zen. - Eup! Zelan, amona? - Pozik ikusten zaitut. - Zu ikusteagatik, amona. Besarkadarekin batera musuak. - Sasoi latzak pozik ibiltzeko, maitea! - Bai, baina aurrera egin behar da, amona! - Bai, nola edo hala aurrera egin beharko da. Nora, gosaldu duzu? - Ez. Hemen zurekin egin nahi nuen. - Erdu, goazen sukaldera. Kafea, ogi txigortua, gurina eta marrubi marmelada, edo zerbait gehiago nahi duzu? - Esan duzunarekin nahikoa dut. - Hartu hortik kafetera eta egizu kafea. - Non daukazu kafea? - Hozkailuan. Kafea ontzira botatzen duzunean bota iezaiozu gainean gatz apur bat, apurtxo bat baino ez. - A, bai, gatza, gure aitak ere botatzen dio. Amak ez. Norak kafetera itxi eta sutan ipini zuen. Bitrozeramikako su txikian jarri ostean, 0tik 9ra zihoan indarretik, ermamiarekin puntu gorria sakatuz 8ra eramango zuen. Aldi berean, etxeko atean norbaitek hiru aldiz txirrina jotzen zuela entzun zen. - Nora, zoaz eta zabaldu atea, baina lehenengo behatxulotik begiratu. - Bai. - Zoaz, ba! - Banoa! Hamar pausu geroago... - Amona, adineko emakume bat da. - Kolorea? - Zuria. - Zabaldu atea. Mweziren aginduari men eginez Norak atea zabal zuen, hitz egitera zetorrena auzokoa zela antzemanez. - Good morning! - Baita zuri ere. Mwezi etxean al da? - Bai. Nor zara ba? - Goiko solairuan bizi dena. - Ragnhildr, erdu! sukaldean nago! - esaldiari laguna izatearen doinua itsatsiz, bera zegoen lekura joateko esanez Mwezik aginduko zion. - Kaixo, maitea! - Ragnhildr! - Zelan zaude? Musuak. - Txarto! - Horrelaxe gaude denok. - Beno, badakizu, okerrena itxaroten, eta oraindik mutikoaren berririk gabe. Horrexek ez dit lorik egiten uzten. Ez duzu Nora ezagutzen, ezta? - Ez, ba. - Kazetaria da. Bere aita gure lurraldekoa –Mwezik. - Erdu hona, laztana, eta emaidazu musu pare bat! - Ragnhildr auzoak gogo onez. - Bai, oraintxe gainera! Musuak. - Ragnhildr, gosaldu duzu? –Mwezik. - Bai. - Kafea nahi? - Bai, kafeari sekula ez diot muzin egiten. Kafetera italiarrean kafeak igotzean ateratzen duen lurrun burrunba hasi zen entzuten. Egina zegoen. Norak sutatik kendu, eta Ragnhildrentzat izango zena kikarara bota zuen ia bete arte. Ondoren, kafeteran geratzen zena katilu bitan banandu, eta, esne apur bat gaineratu eta gero, biak utzi zituen mahaian. - Amona, katilura esne apur bat bota dizut; ondo egin dut? - Bai, ondo egin duzu. - Hori uste nuen nahiko zenuela! - Ragnhildr! Egunero nabil kalera irteten, eta bazter guztiak arakatzen, baina ez dut ez Maryren ez Yamweziren errazturik aurkitzen. Txoratzen hasia naiz. - Egon lasai, Mwezi, izango dena izango da, eta hori ez dago gure esku. Gure esku dagoena jarraitzea da, bilatzen jarraitzea. Nik neuk ere lagunduko dizut horretan. Dena den, polizia ere badabil, ezta? - Bai. Baina luze iritzita nago. - Horrela izaten da, bai, itxarotea zein luze egiten den! Emaitzak lehenbailehen izatea gustatzen zaigu baina gehienetan ez da horrela gertatzen. - Txarrenaren zain nago. Egongelan telefonoa txistukari jarri zen. Gosaria amaitzear zeukala, Mwezik Norari joateko eta hartzeko agindu zion. - Bai? - Ebbe Haakonsson naiz. Zu nor zara? - Nora Williams. - Kaixo, Nora. - Zelan, inspektore jauna? - Aizu, Mwezi anderea hor al da? - Bai. - Esango diozu jartzeko, mesedez? - Bai, oraintxe jarriko da. Amona, inspektorea da, jartzeko mesedez –Norak ahotsa goratuz egongelatik esango zion. Ez zuen telefonoa eskuetatik laga. Bertan, Mwezi noiz helduko geratuko zen. - Tori, amona! Telefonoa ematearekin batera, Nora Mweziren ondoan geratu zen. Deiaren zergatia jakingo balu bezala zegoen, eta inspektorearen hitzen aurrean Mwezik izan zezakeen erreakzioa nolakoa izan zitekeen begira jarri zen sorosteko asmoarekin. - Bai? - Mwezi anderea? - Bai. - Ebbe Haakonsson inspektorea naiz. Gorputegian emakume bat dago, eta bertara etorri beharko zenuke ea hildakoa Mary den ala ez baieztatzeko. - Oraintxe goaz. Yamweziren berririk? - Horretan gabiltza, laster izango duzu berririk. - Non dago gorputegia? - Etorri polizia-etxera, eta neuk lagunduko dizuet. Norak badaki non dagoen. - Oraintxe goaz. - Oraintxe arte, ba. - Bai, adio. - Agur, bai, agur. Ragnhildrek kikaran zuena ahitzeko tanta bat falta zitzaiola, Nora eta Mwezi sukaldera zuzendu ziren ez gosaria amaitzeko auzoa agurtzeko baizik. - Nora gorputegira joan behar dugu –espero eta nahi ez zuena entzun berri-eta, Mwezi larri jarri zen. Inspektorearen hitzak laburbilduz esan ondoren agurtu zuen Ragnhildr, eta behin auzoak etxetik alde egitean, Norari zuzendu zitzaion, Mary Nicizanyerena zen ordenagailua motxilan gordetzeko aginduarekin. - Zer da hau, amona? - Maryren ordenagailua. - Eta ezin da etxean utzi? - Ez. Horregatik ematen dizut zuri motxilan eramateko. Geure bizitza izango balitz bezala gorde behar dugu. - Ez esan besterik. Neure ordenagailua etxean utziko dut, bai? - Jakina. Orain goazen, laztana. - Gorputegira joan behar dugu? - Ez, polizia-etxera, inspektorea han izango dugu zain eta. - Goazen, amona. Inspektorea ez zegoen agindu bezala polizia-etxean, gorputegian baizik. Mwezi eta Nora polizia-etxeko arrera gunean emandako argibideei jarraituta heldu ziren Maryren gorpua zegoen espaziora. Mwezi anderea ez zen konturatu Mary zenaren gorpua hotz zegoela, bihotza garretan baitzuen. Gorpua musukatzera joana zen itsuki. Masaila Maryrenarekin itsatsi zitzaion. Ozenki, “Ai laztana, nire bihotza, joan zara betiko” aldi batean esaten jarraitu zuen. Begiak urtu zitzaizkion baina ez zuen negar-tantarik botako. Euren lurraldea utzi, eta, geroztik ere makina bat zorigaitz ezagutu izanak, segur aski, zirrarak menpean harrarazi zizkion. Hala ere, bizi izango zen artean, bihotzean sartuta zuen arantzak gupidarik eta etenik gabe eztenkatuko zuen. Jaso zuen aurpegia, eta eskua Maryren gorpuaren masailean jarri zuen heinean Haakonssoni begira geratu zen. Negar egiteko gogoa zuela antzematen zitzaion; alabaina, eutsi egin zion. Masailetan behera irristatzean arrasto hezea uzten dutenak haren begietan behin zeharkatu behar izan zuten itsasoa ematen bazuten ere, ez zuen anpulurik isuri. Pairatutako bizitza latzak ez zion utzi. - Haakonsson jauna, semea? - Ondo dago. Inspektorea lepoko zauriko mina gero eta handiagoa zelakoan zegoen. “Hau zelan da posible?”, barru-barrutik zetorkion pentsamenduan sufrimendu keinua aurpegian agertzen zuela, ustekabean lasaigarri pare bat ahoratuko zuen. Iturria non zegoen begiratuta zuzendu zen ahoa ur jarioaren behean jartzeko, eta zurrutada luzea, amaigabea, itotzeko bestekoa eman zuen. Ezpainak eskuekin lehortzen zituela berriro begiratu zion Mwezi andereari. - Agertu da? - Mwezi andereak Haakonssonek ezpainak lehortu zituela ohartuta. - Bai. - Non dago? - Ondo dago. - Non dago? Esadazu! Arren! –Mwezi bere senetik irtenda, urduri, asaldatuta, Haakonssoni erreguka aritu zitzaion. - Zaintzen gaude, ondo dago, ospitalean daukagu. - Goazen!, goazen!, goazen! - zioen andere afrikarrak, haurra salbatzeko segundo baten gora behera izango balu legez. - Lasai, Mwezi. Umea ondo dago. Joango zarete, baina lasai. - Amona, oraintxe joango gara - Norak besotik heldu zion eta laztandu egin zuen- . Oraintxe goaz! - Lasai, lasai, bai, baina goazen - Maryri ezpainetan eman zion musua, eta “Agur, maitea, laster ikusiko dugu elkar gure muinoetan” bota zion azken agurraren erara. Norak amonaren besoari helduta jarraitzen zuen. Inspektoreari kasurik egin gabe kanporako bidea hartu zuten. Hainbeste oinaze eta atsekabek ez zieten gauzak behar bezala egiten utziko. - Nora, tori, mutikoa dagoen ospitalea eta gela hemen daukazue idatzita. Gelako ateetan polizia bat dago. Eman txartel hau berari. Ospitalera heltzeko denbora bakarrik behar izan zuten, gogoa mutikoarengan jarria baitzeukaten. Solairura joateko igogailuak non zeuden sarreran galdetu ondoren heldu ziren polizia zegoen ateetara. Haakonssonek emandako txartela lagunik izango ez balu bezala han zegoenari erakutsi ondoren, aurrera egiteko baimenarekin sartuko ziren. Yamwezi Nicizanye mutikoa bere albotik mugitzen ez zen erizainaren txeratan zegoen. Lotan jarraitzen zuen. Ondoko ohean ez zegoen inor. Erizaina altxatu eta sartu berriengana hurbildu zen. Mwezi anderea osorik zegoen. Ez zitzaion nabaritzen gogoaren beheraldira eroria zenik. Mutikoaren ardura hartu beharrak eman zion orekagatik izango zen; ziur. Biak hezi zituen: lehenengo Mary eta gero Yamwezi; ama-semeak. - Zelan dago? –Mwezik erizainari besotik helduta galdetuko zion. - Ondo dago. Makal, oso makal heldu da, indarrik gabe, eta badirudi egun batzuetan jan ere ez duela egin. Zikin-zikin ekarri dute; aurkitu duten bezala. Garbitu ondoren seruma ipini diogu eta, gainera, lasaigarria lo egin dezan. Lo egitea behar du. - Noiz ekarri dute? - Lehenengo, nerabeak babesteko zerbitzuan egon omen da, eta handik hona ekarri dute. Hona, itxaron, txostenean agertuko da, bai hemen jartzen du, herenegun arratsaldean ospitaleratu zuten. - Gaur arte nola ez dugu ezer jakin, ba? –Mwezik, biziki hunkituta, haserretzeko gutxi falta zitzaiola. - Ez dakit, beharbada ez zutelako jakingo nor zen. Mwezi anderea mutikoarengana hurbilu zen, eta kopetan musu eman ondoren, albo baterantz mugitu zuen sorbalda-hezur aldea begiratzeko. Eguzki txiki baten antzerako jaiotzeko orina zuela ikusi zion. Ez zuen ezer esango. Supituan, inori begiratu gabe, ohearen ondoan zegoen jesarlekuan eseri zen. Jesarlekua ospitaleetan gaixoaren familiartekoentzat izaten diren horietakoa zen. - Nora, zoaz bazkaltzeko zerbait erostera, mutikoarekin etxera joan arte ni ez naiz hemendik mugituko eta. - Ondo dago, amona, oraintxe noa. - Ekardazu nahi duzuna. - Bai amona, utzi dena neure kontu. - Tori, hartu dirua. - Ez, badaukat dirurik. - Obeditu, arren! - Ezetz ba! - Mesedez, Nora! - Ondo dago. Nora gelatik irten aurretik Yamwezi mutikoarengana hurbildu zen musu ematera. Kopetan emango zion. Mwezirekin beste hainbeste egin zuen, baina amonari masailean eman zion. Luze emango zion, errespetuz eta maitasunez. Nora bueltatu zenean Yamwezik lotan jarraitzen zuen oraindik. Amonarengana zuzendu zuen begirada eta ohe gainean eseri ondoren, nolabait Mweziri hitz egin arazteko, galderaren bat egiten hasi zitzaion. - Ez da esnatu? - Ez, oraindik ez. - Bazkaltzeko esnatu beharko da. - Bai, baina erizainaren kontua da hori, ezta? - Bai. - Eurek badakite zer egin behar duten. - Bai. - Urruti aurkitu duzu janari denda? - Ez, hemen ospitalean dago bat. Txikia da baina nahikoa geuretzat. Gero hitz egingo dugu beharko dugunaz, eta hemen ez badut aurkitzen joango naiz handiagoren bat bilatzera, edo erizainari galdetuko diogu. - Ondo. - Sandwich pare bat ekarri dut eta fruta ere bai. - Ondo. - A, patata frijitu pakete handi bat, ura, eta bonboi batzuk ere bai. - Ederto, maitea. - Amona, Maryk bazuen hobbyrik? - Bazuen bat; bat, behintzat bai, eta oso gogoko zuena gainera. - Zein? - Argazkiak egitea. - Argazkiak? - Bai, baina ez edozein eratakoak. - Nolakoak, ba? - Argitasunarekin jolastea gustatzen zitzaion. - Nola da hori? - Zuk ez duzu argazkirik botatzen? - Telefonoarekin soilik, eta noiz behinka. - Maryk hiru-lau makina ditu. Etxean ditu. Oso garestiak dira gainera. Bat nik oparitu nion, Nikon f-501. Bigarren mundu gerrari buruzko film batean egin zen ospetsu. Filmean ikusi zuen, eta geroztik obsesio bihurtu zen berarentzat. Ikasketa hasierako ikasturtean zebilen, eta ikasgai guztiak ekainean gainditzen bazituen neuk oparituko niola agindu nion. Beste guztiak karrete bakoak dira, moderno horiek, digitalak, badakizu. Garestiena lanean hasi eta lehenengo soldatarekin erosi zuen, Nikon D750 reflex digitala. - Zaletasun aparta, ezta? - Bai, oso polita. Erretratuak ikusi nahi badituzu etxean ditu horretarako soilik duen ordenagailuan. Pila bat ditu, milaka esango nuke. - Argitasunarekin jolastea gustatzen zitzaiola esan duzu? - Bai. Gogoratzen dut behin baino gehiagotan joaten ginela mendira, eta zuhaitzen artetik sortzen diren argi itzalak, badakizu, argitasunaren lainoa harrapatzen ibiltzen zen. Yamwezik bederatzi urte bete zituenean mendi aldean dauden txoko berezi batzuetara joaten hasiko ginen, Xoxobarro aldera, Usineta inguruetara, eta, batik bat Matxinkorta aldera. Han badago pagadi motz baten barnean harrizko antzinako zubi bat, oinetan errekasto ur gardena mantso iragaten zaiona. Goizeko lehen orduetan joaten ginen, eta gauera arte han ibiltzen ginen. Gu, Yamwezi eta biok, harat honat ibiltzen ginen bitartean, bera zubiaren ondoan argitasunak goitik behera lainabera geruzatxoa noiz ekarriko itxaroten egoten zen. Orduan, ingurua ere, badakizu, pagoak, goroldioa, orbela, lurrean barreiatutako zuhaitzen adarrak, eta beste enparauekin berari gehien gustatzen zitzaizkion erretratuak ateratzen zituen. - Goroldioa esan duzu? - Bai, goroldioa. - Atzo jakin nuen zer den. - Nik ere hona etorri arte ez nekien zer zen. - Hirian ez zitzaion gustatzen argazkirik botatzea? - Bai, nola ez. Bakarrik ere ibiltzen zen, baina gehien gustatzen zitzaiona osteratxoren bat egiten genuenekoa izaten zen. Aurpegi deigarrien atzetik ibiltzen ginen. Baina ez pretty style erakoak, horiek denak baztertu egiten zituen; eskaleenak, arrantzaleenak, pertsona ondo zailduen aurpegiak baizik. Horietakoak zituen gustuko; zerbait adierazten duten horrelakoak; gehienetan bizitza neketsuak ematen dituen aurpegiak. Horiek ziren gustatzen zitzaizkion aurpegiak; badakizu, sinbiosia kontuak. Yamwezi mutikoa esnatuko zen amari deika. Amonak bazekien umea kontsolatzen. Abilezia itzela zuen berak asmatutako ipuinekin nerabearen burmuina atoan biltzeko. Ez zitzaion asko kostako mutikoaren aurpegian irribarretxoa ipintzea. Bazkal aurretik esnatu zen. Psikiatra eta psikologoa etorri bitartean, amonak, ipuinekin batera, galderak egin heinean laztantzen zion burua, aldizka musuak ematen zizkiola. - Badatoz - Mwezi andereak. Psikiatra andrea eta gizonezko psikologoa heldu ziren. Psikiatra andreak laster alde egin zuen. Bertan geratu zen psikologo gizonezkoak ordu erdi gehiago eman zuen Yamwezirekin solasean. Seiak aldera mutikoa berriro ere lotan geratu zen. Iluntzean, Bihonen etxera bueltatu aurretik, Norak motxilakoa gogoratu zuen. - A! amona, ahaztu zait ia-ia: motxilakoa eman beharko dizut, ezta? - Norak Mwezi andereari xuxurlatuz bezala hitz egingo zion. Ez zuen mutikoa esnatzerik nahi. - Bai, Nora, ekarri, zu etorri bitartean neure poltsan sartuko dut. Baina hori egin aurretik gauzatxo bat egin behar dugu. - Zer, amona? - Piztu ordenagailua. - Oraintxe. Une bat izan zen ordenagailuak kargatzeko behar izan zuen denbora. Mutikoa zegoen ohearen aldamenekoaren gainean zeukaten. - Amona, Identifiant? - Bai, E4AADQENFB. - Mot de Passe? - Bai, mmyn10. - Amona, mot de passe hau aldatu beharko zenuke. - Zergatik, Nora? - Asmatzea oso erraza delako. - Zuk asmatuko zenuke, ala? - Horregatik diotsut! - Ea, esadazu. - Izen propioen lehen hizkiak dira, eta hamarra, Yamweziren urteak. - Izen propioak? - Erraza. - Esan! - Mari, Mwezi, Yamwezi, Nicizanye! - Bai, horrela erraz-erraz gogoratuko duzu. - Bai. - Ondo? - Bai. Orain, zer? - Klikatu ikur hau. - Bai. - Idatzi hor. - Zer? - Bi Dama eta lau fitxa, eman jatera fitxa bat Dama jateko, eta itxaron. - Zer gehiago? - Klikatu ikur hori beste horiek markatzeko. - Bai, eta? - Agindu. - Mwezi, ez zenuke hau egin beharko. - Zer ba? - Hau guztia erreta dagoelako. - Lehenbailehen egin behar da. - Ados –Norak klikatu zuen, agindutako ikurra sakatuta. Egina. - Gauzatxo bat baino ez, Mwezi. - Zer? - Polizia-ikerketa dago tartean. - Eta? - Dena aterako dutela. - Ezin izango dute. - Bai, amona, lehentxeago edo gerotxoago dena jakingo dute. Gomendio bat onartuko zenidake? - Nola ez ba, maitea! - Dena berriz egiten hasi beharko zenuke. - Dena berriro? - Bai. Ordenagailu berria, izen berriak, pasa hitz berriak, helbide berriak, suebaki berriak, dena egin beharko litzateke berriro, zerotik hasita. Orain arteko guztia dagoeneko erreta daukazu. - Horraino daude kontuak gaur egun? - Bai, eta gehiago. Nola jakin dute Mary nor den eta non bizi den? - Nork hil du ba? - Mwezi, zuk hori badakizu, eta ni honi guztiari susmoa hartzen hasi natzaio. - Beno ba, hori egiten hasi beharko dugu, baina etxera itzultzen garenean. - Zergatik ez zatozte nirekin Haritz Zaharraren Lurraldera? - Dena daukagu hemen, baina pentsatzekoa da. Yamwezirentzat seguruena horixe izango litzateke. - Ez izan zalantzarik! - Bai. - Hemen dena daukazue arriskuan, bizitza ere bai, Yamwezirena eta zurea, biona. - Baiezkoan nago. Dena den, poliziak babesten gaitu. - Hiltzea erraza da, eta polizia saihestea oraindik errazagoa. Dagoeneko jakingo dute Maryk seme bat duela. - Baliteke. - Mwezi, amona, beste gauza bat. - Zer, bihotza? - Paperak egiten hasi beharko genuke? - Zer paper? - Yamwezi semetzat hartzekoak. - Ez. Ez da beharrezko. - Zelan da hori? - Oslora heldu ginenean egin nituelako. - Mary alabatzat hartu zenuen! - Bai. - Ondo, ondo, horrek dena errazten du. - Beharrezko izango dugun paper bakarra Mary hil dela dioena da. - Neu arduratuko naiz horretaz. - Ondo. - Ordenagailua poltsan gordeko dizut? - Bai, maitea, sartu hemen, nire poltsan, arren! Iluntze aurreratuan, zortziak inguruan, Nora alde zaharreko lagunaren etxera bueltatu zen. Bihoni ospitalera zihoala esan nahi zion; Mwezi anderearekin batera umearen ardura hartu behar zuela; nahi zuela. Kaleko atean giltza sartu baino ez zuen egin indarrez zabaldu zutenean. Barrutik arrapaladan atera zen Nora bultzatuz. Kolpearen eraginez lurrera zihoan unean, erreakzio erreflexuak aginduta-edo, Norak azazkalekin oldartzaileari eraso zion. Alde bateko masaila urratuta utzi zion. Nora lurrean zegoen. Buruan kolpe itzela hartuta zegoen, erdi leloturik bezala. Odol apur bat zerion. Arineketan joanari afrikarra zelakoaren antza hartu zion. Eskuetan ordenagailu eramangarria zeraman. Bihonena zen. Ez zuen zalantzarik. Mina zuen. Ez zuen burua eskuekin ukitu nahi, azazkaletan koloreko pertsona haren odol eta azal apurra zuela uste baitzuen. “Batek daki zer duen horrek” pentsatuz, beste behin instintiboki eskuak burura eramateko joerari eutsi behar izan zion. Minez, lurretik nekez jaiki zen. Gertatua esateko Haakonssoni deitu beharko zion, baina goian zerbait ondo ez zegoelakoaren susmoa zuen, eta poliziari deitu aurretik etxera igo nahi zuen. Hori egin zuen. Eskailera mailak binaka igo zituen. Heldu zen atera. Zabalik zegoen. Barruan dena hankaz gora. Sofan, ahoz gora, Bihon hila zegoen. Hainbat zauritatik oraindik zerion odola gatzatzen zihoakion arropa blaituetan. Ikaratu zen. Zirkin bat egiteko adorerik gabe, muskuluak gogortu zitzaizkion, eta horrek atean jelatuta gerarazi zuen. Halako batean, senez-edo, motxilatik sakelako telefonoa hartu eta Haakonsson bilatu zuen. Ezker eskuko hatz erakuslea jarri zuen izen propioan, deitu ipintzen zuen aldean. - Bai, nor zara? - Haakonsson inspektorea, erdu mesedez, lehenbailehen! - Nor zara eta nora? - Nora Williams! - Non zaude? - Bihonen etxean! - Nor da Bihon eta non da hori? - Alde zaharrean! - Kalea eta zenbakia behar ditut! Norari urduritasunak gainezka egin zion. Ezin zuen han egon. Kalera jaitsi zen. Eskaileratan behera, begi ertzetan sortuz zihoazkion anpulu lodiei ezin eutsirik, negarrari eman zion, zotinka, hasperenka. Masailetatik behera zihoazkion ubidea eginez bezala. Ez zuen akordurik eskumuturrekin lehortzeko. Jendea laguntza ematera hurbiltzen hasi zitzaion, baina ezer esateko adorerik gabe jarraitzen zuen. Haakonsson Hildegarde psikologoarekin pentsatu baino lehen heldu zen. Eskerrak. Laster batean bi patruila autoak kalea ixtera bezala jarri zituzten. - Nora! Erdu hona! - nolabait babesa eman nahian agindu zion inspektoreak. Besarkatu zuen, eta zer gertatu zitzaion galdetu zion. - Bihon hil dute, dena odola! - Non da? - Hor! - Solairua? - Hirugarrena. - Zein aldetan? - Ate bakarra. Haakonsson Bihon Dahl irakaslearen gorpua zegoen solairura bere taldeko beste birekin igo zen. Hildegarde psikologoak Nora indarrez besarkatu ondoren, gertatu berria berresateko eskatu zion. Gulbrandsen detektibea geroago heldu zen, eta Hildegardek adierazi zion nora joan behar zuen. Bigarren solairura igo zenean han ez zegoen inor. Txirrina joko zuen. Eskaileratan gora bertaratzen ziren zientifikokoak hasi zitzaizkion esaten gora joateko. - Hirugarrena, Dagny! - Hildegardek bigarrena esan dit eta! - Hirugarrena, Dagny –zientifikokoek, berriro ere. - Leloturik bezala nago! Astiro-astiro igo zituen bigarrenetik hirugarrenerako mailak. - A! zelango egunak daramazkigun, ezta? - Gulbrandsen detektibeak Haakonssoni itaun erara bota zion, nolabait berandu heltzeagatik lekuz kanpo zegoela aditzera emanez bezala. - Bai, hamar urtetan ezer gutxi, eta begira kasu honekin zer datorren. Ilargia? - Betea. Hori izango da? Haakonssonek ez zion erantzun. - Matraka ez zen ateetan hasi –eszena lekua usainduko balu bezala, inspektoreak baieztapen esaldia bota zion detektibeari. - Ematen du ezetz. - Bihon etxera helduko zenean, hiltzailea gelatik atera zen; ziur aski, Bihonen gelatik. - Zein da? - Hau ez, hori, beste hori ematen du. - Itxuraz horrela ematen du, ezta? - Bai, horrela izango zen. Nora eta Hildegarde gora heldu ziren. Ordurako argazkiak aterata zituzten eta Bihonen gorpua poltsan sartuta. Poltsaren kremailera ixten zeuden. Nora Haakonssoni afrikarrarekin gertatua esaten ahalegindu zen, eta azazkaletan zuena ere ikus zezan erakutsi zion, hitzak ahoskatzerakoan tartailoen erara botata. Haakonsson zuzenean hasi zitzaion galderak egiten. Bazirudien ez zuela segundo bat ere galdu nahi. - Nora, Bihonekin bizi izan zara? - Bai. - Noiztik? - Igande arratsaldean heldu nintzen, eta berak opatu zidan hona etortzeko. - Nola ezagutu duzue elkar? - Bihonen telefono zenbakia egunkarian eman zidaten. - Zein da zure gela? - Hauxe, lehena, ezkerrekoa. - Ondo. Badakizu non egiten zuen lan? - Bai, unibertsitateko irakaslea zen. - Bon, bazuen maitalerik? - Duela ez dakit zenbat denbora eten zuen azkenarekin. A, bai, apenas hilabete pare bat. - Gizonezkoa ala andrazkoa? - Andrazkoa. - Nor? badakizu? - Epailearen alaba. - Agmundrren alaba? - Bai. - Kakalardo itzela! –Haakossonek bat-batean erlazionatuko zuen dena. “Bihon irakaslea eta Jannicke maitaleak izan baziren, Bihonek eskatuko zion Jannickeri aitak niri dei ziezadala Norarekin egoteko eskatzeko” bat-batean heldu zitzaion. - Bai, Agmundr eta Agatheren alaba, Jannicke. - Zer demontre! Preppy style neskatoa. Wasp! Ederra daukagu! - Wasp? - Dagnyk harridura aurpegia jarrita galdetu zion entzun berria ezin sinetsirik. - Bai, wasp. - Waspak hemen? - Hildegardek ere galdera erara botako zuen. Zail egiten zitzaien Oslon waspik zegoela pentsatzea ere. - Bai, badira batzuk; oso pertsona oldarkorrak dira gainera; ez dakit ba, amerikar waspak baino oldarkorragoak ez ote diren gainera! - Nora, lurrera bota zaituen afrikarrak zenbat urte izango zituen? - Sasoi betean dago. Hogeita seirik ez. - Argala, lodia? - Argala, baina aldi berean indartsua. - Konturatu zara, izan duzu denborarik odolduta zegoen ala ez jakiteko beste? Bihonen ordenagailua zeramala diozu? - Bai, ordenagailua Bihonena zen. Horretan ez daukat inolako zalantzarik. Odolduta zegoen? Ba, ez dakit, dena bat-batean gertatu da - Norak une batez begiak itxi zituen. Enkontrua gogoratzen aritu zen unetxo bat. Film baten antzera etorri zitzaion gertatua, eta gero jarraitu zuen- . Ezetz esango nuke. Ez zegoen odolez zikinduta, eta ni ere ez nago. Nire gainera etorri da. Zikinduta egon izan balitz odolaren markaren bat izango nuke, zertxobait bederen. - Bai, baliteke. Baina baliteke pertsona horrek garbitzeko denbora izana. Dagny, esan zientifikokoei Noraren azazkaletatik laginak hartzeko. Nora, horiek amaitzen dutenean, sartu eta garbitu eskuak. Zure gauzak ere bildu beharko dituzu, hemen ezin duzu geratu eta. Hemen ez zaude ondo, eta gainera zigilatu behar dugu. - Ez nuen hemen geratu nahi. Bihoni Mwezirekin batera umearen ardura hartzera nindoala esatera nentorren. - Ospitalera? - Bai. - Ondo, ospitalea zainduta daukagu. Gerotxoago guk eramango zaitugu hara. Egon lasai, erraz ez zaizu egingo baina... Guk babestuko zaitugu. - Mila esker. Haakonsson, beste gauza bat. Zuk Mweziren helbidea eman zenidanean whatsappa bidali nion Bihoni. A!, baina ez, ez nion Mwezi non bizi den esan. Barkatu. - Bon. Emadazu Bihonen zenbakia. Norak eman heinean, Haakonsson berean Bihonen telefonoaren zenbakiak sakatzen hasi zen. Bihonen telefonoa nonbait joka jarri zuen. - Ba, telefonoa ez dago hemen, nirea deika ari da eta. Norbaitek lapurtu dio. Afrikarra izango zen?, edo nor? Bon, Dagny, orain azkar ibili behar dugu; eman agindua, libre dauden guztiak has daitezela hemengo inguruko paperontzi eta zakarrontzi guztiak arakatzen. - Oraintxe bertan! - Beste batzuk jarri afrikarraren atzetik, norbaitek ikusiko zuen, ba? Hemen, Oslon, beltza eta ordenagailu batekin alde zaharretik, norbaitek ikusiko zuen, ba! Ilunabarra sartuta dago baina... - Ados. - Hori hoberena gerorako ez uztea da. Gero ere egin beharko dugu, eta oraintxe bertan egiten bada, hobe. Hiltzailea odolez zikinduta egon daiteke; beraz, gerritik gorakoa, edo botatzen du norabait, edo jakin behar soinean zer zeraman eta buelta ematerik zion. - Bai, banoa! - Itxaron, begiratu dezagun orokorrean. Non sartu dezakegu hilketa hau? Honetan guztian Bihonek zer egiten du? Zein da falta zaigun pieza hori?, zeren hau ez da ahokatzen, ez baita ahokatzen, ez da sartzen ondo. Zerbait ihes egiten ari zaigu. Zergatik Bihon? - Ez dakit, ba! - Kointzidentzia hutsa?, badu Mary Nicizanyeren kasuarekin zerikusirik?, pasio-hilketa?, bekaizkeria?, gorrotoa?, jeloskorra zelako? Jeloskorra izatea agerikoa litzateke. Galdera horiei guztiei erantzuna eman behar diegu. Badugu nondik ibili. Bon, zoaz! - Bai, banoa, behetik koordinatuko dut dena. - Ondo, laster arte. Dagny, beste gauza bat, ahaztu zait: deitu forentsea eta esan beste kasu bat duela, baina bihar goizean egin dezakeela. Bihar deituko dut. - Alfhild forentsea? - Bai ba! Nor bestela? Horixe da gure forentsea! - Beste edonor. - Ez, ez, Alfhild nahi dut, ez dut besterik nahi. - Oraintxe deituko dut. Banoa. - Bon, behean ikusiko dugu elkar. - Bai. - Dagny, beste gauza bat: hartu duzu Bihonen diruzorroa, edo katanarrua, edo dena delakoa? - Bai. - Ba, badakizu zer egin behar den. - Bai. Taldera etorri berria oraintxe bertan deituko dut, eta Bihonen gurasoen helbidea bilatu dezala. Hori egin beharko da, ezta? - Bai, baina ez zaitez zu joan, agindu norbait. - Horrela egingo dut, baina gerotxoago. Behean itxarongo dizut. Aizu, Ebbe, ahaztu baino lehen: balistikokoen txostena mahai gainean utzi dizut. - Zer dio bala-zorroei buruz? - Txinan egindako pistola batenak direla, 77B modelo batenak. Txostenak dio pistola handia eta astuna delako txinatarrek esportaziorako egokitu dutela. Sistema oso berezia duela, eta oso azkar muntatu daitekeela, eta esku batekin soilik. Baina ondo maneiatzeko tiratzaileak atzamar luze eta indartsuak izatea komeni dela. Beste gauzatxo bat ere badio, eta uste dut garrantzitsua dela: zera, katuak ez diola uzten tiratzaileari oso punteria fina izaten; duen itxuragatik izango da. - Ederto, bulegoan begiratuko dugu hobeto. - Zuri tiro egindakoarena? - Ikusiko dugu. - Ondo, banoa behera. - Bon. Behean ikaragarrizko zalaparta zegoen. Auzotarrak gertatu berri zena ezin sinetsirik arduratuta zeuden. Nolabaiteko elkartasuna agertu nahian, bertan egoteko asmo trinkoa agertzen zuten. Haserre zeuden. Hain herrialde baketsuan horrelako kontu batek zeharo aztoratuta zituen. Ehorztetxekoek Bihon Dahl irakaslearen gorpua gorputegira eramateko poltsa batean sartuta jaitsi zuten. Eskailera estuak nekagarri bihurtu zuen goitik behera jaisteko lana. Trumoi hotsa. Zegokion sasoian baino lehenago burrunbaka heldutako doinua bertan pilatutako auzotarrek harriduraz hartu zuten. Mendi liluragarritik tximistekin batera zetorren. Supituan, auzokoak babesa bilatzera behartuz, kazkabarra bortizki hasi zuen goitik behera, une batetik bestera kalea zuri-zuri janzteko asmoarekin. Thor handiaren mehatxua zitekeen. Segur aski, aldarte txarra agertuz egindako agerraldia justizia eskatzekoa izan zen. Goizaldeko ordu biak etorri ziren. Dagny Gulbrandsenen deia heldu zitzaionean Haakonsson inspektoreak bulegoko paretan izan zituen begiak jarrita. Deia behin baino ez zuen entzun. - Esan, Dagny - erantzun zion. Itxaroten zegoen. - Ebbe, zakarrontzi batean kirol- jertse odoldua aurkitu dute biribilkatuta, eta barruan sukaldeko aizto handi bat, hau ere odolez blai. - Nork dauka aiztoa? - Nik daukat. Plastikozko poltsan sartu dut. - Inork ukitu du? - Ez. - Bon. Ekarri dena hona. Arren, ez galdu bistatik! Zure eskuetan soilik, entzun? - Bai. - Etorri bulegora, hemen nago eta. - Oraintxe noa. - Bon. - Bai. Dagny Gulbrandsen detektibea bulegora tentsioan heldu zen. Kirol-jertsea eta aiztoa bakoitza bere plastikozko poltsan sartuta zekartzan. Artegatuta ematen zuen, nolabait kontuak norantz zihoazen jakingo balu bezala. - Ebbe? - Dagnyk sarreratik deitu zion. - Bai, neure langelan nago. - Kaixo, Ebbe. - Nekatuta, Dagny? - Oraindik nahiko fresko. - Horrela hobeto - Haakonssonek besteak zekartzan poltsei begiratuz. - Hemen dituzu. - Inork ukitu ditu? - Ezetz ba! - Odola oraindik fresko dago. - Bai. - Non aurkitu dituzue? - Agmundr epaile jubilatuaren etxerako bidean. - Susmatzen genuena. - Bai, uste dut kontuak horrantz doazela. - Kosta egiten da sinestea, baina... - Hala da. - Zientifikokoak deitu ditut eta honantz datoz. Bi ikerketa egingo dira: bata gurea eta bestea eurena. Aiztoko hatz-markak hemen aterako ditugu, eta, gero, aiztoa beraiek eramango dute euren laborategira, beste guztiarekin han jarraitzeko. Hatz-markak ditugunean, guk eta hemen, nortasun agirikoekin alderatuko ditugu. Nor den jakin behar dugu. - Ez zara fidatzen ala? - Botere indarrak bueltaka! - Susmatzen dena baldin badator, zer? - Susmatzen duguna egia bihurtzen bada, pentsaezinezkoa etorriko zaigu, eta eragin indar bortitzetan bilduta, gainera - Haakonssonek aldekoetan eta kontrakoetan oldoztu ondoren arduratuta gehitu zion. - Indarrak bakarrik? - Arean gehiago ere bai. - Presioa esan nahi duzu, ezta? - Hain zuzen ere, horixe bera zen esan nahi nizuna. - Argi daukazu! - Etor dakigukeenari eusteko prest? –Haakonssonek, Gulbrandsen detektibeari. - Sobera ere badakizu, baietz. - Lana galduta ere? - Orain daukagun lana galtzea aukeran dator - Gulbrandsen detektibeak, zetorkien kolpe bortitzaz erabat konbentziturik. - Baliteke gela ilun batean euliak harrapatzen amaitzea! - Ez litzateke okerrena izango. - Lagunek baztertu egingo zaituzte. - Horiek ez lirateke lagunak izango. - Horretarako prestatuta zaudela uste duzu? - Ez dakit horretarako sekula inor prestatuta egon daitekeen. - Bai, hori horrela izaten da. Hortik behin pasatu ondoren jakiten da ordaindu den prezioa ordaintzea merezi izan duen. –Haakonssonek, hausnarketaren amaieran. - Horregatik esan dizut esandakoa. - Sekula ez gaudela horrelako kontu baterako prest, ezta? - Hori da, baina... - Baina zer? - Zuzena dena egin behar dela. - Ondorioak latzak izanda ere? - Ondorio latzak izanda ere. - Nik ere horrela pentsatzen dut - Haakonssonek arnasa sakon hartu zuen. - Zer? - Prestatuta zaudela! - Hori uste dut. - Hortik aurrera kontuak ez dira samur ipiniko. - Kolpeari eutsi beharko diogu. - Bortitza izango da. zortzi Goizeko zortzietan enbatak gogor jotzen zuen kristalen bestaldetik. Aldizka txingorra agintzen zuela, aurpegi latza agertuz zebilen, kanpora ateratzeko gogoeta beldurgarri bihurtzen zelarik. Seguruenik, gainaldean atorra zurian bildutako haitz irmoetan jesarrita, egurats puritanoa saihestu nahian ibiliko zen. - Thor ez da jabaldu –Haakonsson inspektoreak leihoaren ondotik kalera begira zegoela bota zion. - Ez, haserre dabil. - Ea, Dagny, zientifikokoen xehetasunak. - Bai. Beno ba, atzo esan nizunarekin hasiko natzaizu. - Has gaitezen bala-zorroekin. - Bai. Zu tirokatzeko erabili zuten pistola Txinan egindako bat da; 77B modeloa. Txostenak dio pistola handia eta astuna delako txinatarrek esportaziorako egokitu zutela. Sistema oso berezia duelako oso azkar muntatu daitekeela, eta esku batekin soilik gainera, baina ondo maneiatzeko tiratzaileak atzamar luze eta indartsuak izatea komeni dela. Beste gauzatxo bat ere badio, eta uste dut garrantzitsua dela: zera, katuak ez diola uzten tiratzaileari oso punteria fina izaten; duen itxuragatik izango da. - A, hori! - Horregatik izango da zu urratu baino egin ez izana. - Hori da dena? - Ez. - Zer gehiago. - BMWan agertutako afrikarrak zeukan pistolarenak ere bidali dizkigute. - Zer diote? - Pistola 77B. - Txinatarra esportaziorako? - Bai. - 9x19 mm. Parabellum? - Bai. - Made in Txina by Norinco? - Bai. Hemendik aurrera da interesgarriena. - Zer? - Zu tirokatutako balen bala-zorroak pistola horrekin botatakoak direla. - Pistolan dauden hatz-markak? - Hildakoarenak dira. - Beraz, atzean zihoanak kokotean tiro egin ostean, pistola garbitu eta hildakoari eskuineko eskuan ipiniko zion. - Bai. Ez dago zalantza izpirik. - Eta zalantzarik gabe esan daiteke gutxienez hiru zirela ere. Bestela atzekoa ez zen atzean joango, kopilotu baino. - Bai, beste era batera izateak ez luke zentzurik izango. - Hori ba - inspektoreak baieztatuko zuen. - Eta zergatik hil dute? –Gulbrandsen detektibeak. - Guri eman digute. - Zergatik? - Nola nahi ere, garbi dago ni nor naizen jakin dutela, eta bestetik, irteten ari dira. Gainera, erasotzaileak babeslekua erre du. Han ezin dute ezer egin. Nahi eta nahi ez, gu etxe horia zelatatzen gabiltzala susmatu behar dute, eta ez badute susmatzen, edo gu oso lan ona egiten gabiltza, edo eurek artaburu itzelak dira. - Hiru gauza aldi berean, galdu naiz. Nola da hori? - Gure kontra ez dabiltzala argitzearren-edo, niri eraso zidana eman digute. Horretarako, erasotzailearen hatz-markak dituen pistola ere eman digute. Arazo bat kendu dute gainetik. - Nola da hori? - Bai, arazo bat kendu dute gainetik. Beraiek ez dakite guk zer dakigun, eta baliteke eurek pentsatzea erasotzailea eta pistola emanda, guk bertan behera utziko dugula kasua. Esaten ari zaizkigu erasotzailea hildakoa dela. Eta hori bakarrik ez, beraiek ez dakite Mary Nicinzayerekin erlazionatzen ditugula. - Eta hildakoari tiro egiteko nola kendu diote pistola? - Talde burua atzean joango zen eserita, eta eskatu egingo zion. - Horrela, besterik gabe? - Horrelako talde militarretan talde burua Jainkoa da. - Eta irteten ari direla diozu? - Bai. Hil dutena ez zuten ezertarako behar. Gainera, beste bat ere hilik agertzea ez litzateke arraroa izango, taldea hirukoa bada behintzat. - Zergatik? - Egin behar zutena egin dutela ematen duelako. Hortaz, alde egiteko prestatzen ari dira. Alde egiteko errazago izango du berak bakarrik alde egitea, bestearekin batera baino. Hemendik alde egiteko plana izango du, eta ondo pentsatutakoa izango da gainera. Ziur nago buruak taldeko besteak sobera dituela. Hemendik aurrera talde buruarentzat arriskutsuak izan daitezke. Jausten badira dena aitortu dezakete. Hiru badira, bat sobera geratzen zaio. Beraz, oker ez banago, beste bat ere hilik agertuko da –Telefonoak jo zuen. Haakonssonek bai erantzuteko lasai hartu zuen. - Bai - lehor atera zitzaion. - Ebbe, Alfhild forentsea telefonoan - Deia harrera gunetik zetorkion. - Hartuko dut. Alfhild, zer moduz? - Betiko martxan. - Berririk bai? - Horrexegatik deitzen dizut, bestela zertarako, pikutara bidaltzeko? - Ia-ia, zer daukazu. - Badaukagu zerbait. Bihonen gorpuaren gorabeherak ditugu. Denak ez, baina gauza asko bai. - Eta beltzarenak? - Ere bai. - Ondo. Oraintxe goaz. - Agur. - Adio. Haakonssonek Dagnyri zuzenduko zion begirada. - Dagny, goazen, gorputegira joan behar dugu. - Alfhild izan da, ala? - Bai. - Goazen. Ebbe, itxaron apur bat, komunara joan behar dut eta. - Pixalarri? - Lehertu beharrean nago. - Bon. - Berehala nator. - Ez hartu presarik. - Zer ba? - Begira kanpoan zer ari duen goitik behera. - A, ondo. - Bon. Haakonssonek Bihon Dahl irakaslea supituan ekarri zuen gogora, eta, pentsakor, kasuaren grafikoa zegoen paretari begira jarri zen. Hormara hurbiltzeko jaiki zen besaulkitik. Zerbait ez zuen ondo harilduta ikusten. “Bihon etxera sartu zenean erasotzailea etxe barruan zegoen. Une hartan afrikarra barruan izatea kasualitate handiegia zitekeen. Gainera, zein izan zitekeen Bihon Dahl hiltzeko izan zezakeen motibazioa? Ordenagailua lapurtzea soilik nahi bazuen, lapurtu eta alde egingo zuen. Zazpi labankada ematea ez da horiek egiten dutena. Matxetearekin lepoa mozten dute eta kito. Horretarako ebaki soil bat baino ez dute egiten. Basatiak dira; trebatuta daude horretan. Gainera, irakaslearen etxeko sarraila ez zegoen bortxatuta”. Haakonssonek kontu horiek guztiak buruan bueltaka, kiribila eginez zituen. –Hausnarketan jarraitzen duzu? - Uste dut Bihon Dahl irakaslea hil zuenak etxeko giltzak izango zituela - oldoztu zuen esan aurretik. - Egon naiz horretan pentsatzen - Gulbrandsen detektibeak serioski. - Eta? - Zeuk diozuna, sarrerako atea ez zegoen bortxatuta; beraz, logikoa da pentsatzea, irakaslea noiz etorriko itxaroten, barruan egongo zela. - Bai. Bagoaz? - Horrela, zauden bezala joan nahi duzu, ala? - Zer ba, txarto nago, ala? - Begiratu kanpora. - Kontxo. Thorrek serios jarraitzen du! Dagny Gulbrandsenek bere langelan anoraka ipini zuen, eta, jarraian, sarreran, bere zain zuen inspektorearen ondora hurbildu zen. - Bagoaz - inspektoreak. - Detektibeak ez zion erantzun, ez zuen nagusia hausnarketatik erabat esnatzea nahi, eta bide osoan elkarri ezer esan gabe joan ziren. Egia esan, kalean euri-jasa itsua ari zuen, eta bakoitzak nahiko lan zuen guztiz blaituta ez amaitzeko. Gorputegira heldu zirenean Alfhild forentsea euren zain zegoen. Eskuak gorpua zegoen ohatilaren gainean jarrita zituela, sartu berriak agurtzeko burua soilik bueltatu zuen. Ez zen agur sutsua izan. Tramite hutsa. - Kaixo, Ebbe eta Dagny. - Bai - erantzun zion Gulbrandsenek, Haakonsson gorpuari begira mutu geratuta baitzegoen. Harako tarte osoa egin zuen bezala zegoen, hari matazan trabatuta bezala. Alfhild forentseak ez zion jaramonik egin, sobera ere jakin baitzekien horrelakoetan bakean uztea zela onena, eta solaskide Dagny Gulbrandsen detektibea hartu zuen. Berari hasi zitzaion azalpenak ematen, ardura berea izan zitekeela pentsatuz bezala. - Ez da beharrezkoa izango nola hil den esatea, ezta? - Suposatzen da - detektibeak erantzun zion. - Dena den, odol ustu egin zela esango dizut, eta horren ondorioz badakizu zer gertatzen den, ezta? - Alfhild, hieroglifikorik ez! Gauza argiak behar ditut gaur. - Gau gogorra? - Bai, oso gogorra, eta etorriko direnak tankera berdinekoak izango diren beldur naiz. - Esan nahi nizun horrenbeste badakizula, maitea! Alfhild eztitsu zebilen. Arraroa. Haren barnean zerbait ez zebilen ondo, edo akaso zitekeen biak emakumeak izateagatik. Segur aski, aireak horrantz joango ziren. - Bai, baina zure ahotik entzun nahi dut. - Ba, horren ondorioz bihotzak huts egin diola. - Beraz, hutsegite horren arrazoia? - Labankadak, maitea. - Zenbat labankada? - Zazpi, eta ez dira oso sakonak. - Zer esan nahi duzu, ez direla oso sakonak esatearekin? - Labana erabili duena ez dela oso indartsua. - Zergatik? - Bon, Haakonssonek esaten duen bezala, baliteke hiltzailea emakumea izatea. - Zergatik? - Oraintxe argituko dizut, maitea. Gauza bat izan behar duzu kontuan, eta zera da: hiltzaileak hiltzea nahi duela, eta ez besteari labanarekin laztanak egitea. Horretarako, hiltzaileak labana bortitz erabiltzen du. Hau guztia esateko bi gauza izan ditut kontuan, nahiz eta esango dizuedan hau esatea ez dagokidan niri. Baina esan diezazueket eta aurreratuko dizuet, bata, labana oso zorrotz dagoela. Bai, bai, zientifikokoei galdetu diet. Eta bestea zera da: irakaslearen arropak labankadari ez diola erresistentzia handirik jarri. Kirol-jertsea, eta oso erabilia; gastatuta dago. Barrutik kotoizko kamiseta mehea. - Labankadak nondik norakoak dira? - Zegoen egoeratik iratzartuz, Haakonssonek gibelean zuen Alfhildi galdetuko zion. - Eskuinetik ezkerretara doaz. - Beraz? - jarraituko zuen Haakonssonek. - Beraz? Beraz, badakizu zuk zer den beraz hori. - Horixe, hiltzailea ezkertia dela –Haakonssonek. - Argi eta garbi - erantzun zion Alfhild forentseak. - Nola da hori? - Gulbrandsen detektibeak entzun berria ezin ulerturik galdetu zien. - Dagny, aldatu ikuspuntua! - Alfhild mediku forentseak segundo pare batez begietara begiratu ondoren agindu zion. - Karrerako lehen ikasturtea, ikuspuntua, Dagny! - Haakonssonek, oraindik gorpuari begira. - Nola da hori? –berriro ere Gulbrandsen detektibeak. - Hiltzailearen tokian zaude. Jarri zaitez Bihon Dahl irakaslearen lekuan. –Haakonssonek, berriro. - A, zer tuntuna! Ni ere! Orain bai, orain ikusten dut. - Bon. - Marisorgina? - detektibea albaintzen ari zen. - Horra begiratu beharko dugu - begiak gorpuaren zaurietan finko jarrita zituela erantzun zion Haakonssonek. - Alfhild, besterik? - Bai. - Zer? - Haurdun zegoela. - Zelan? - aldi berean Haakonssonek eta Gulbrandsenek, entzun berria ezin ulerturik. - Horixe, argi eta garbi, haurdun zegoela. - Ez da posible, ezin liteke - Gulbrandsen detektibeak. - Maite laztan hori, zalantzan jartzen duzu nire profesionaltasuna, ala? - Ezta inolaz ere. Neure buruarekiko gomutan nenbilen, eta badakizu batzuetan huts egiten dudala. - Emakumezalea izateak ez du esan nahi bietara egingo ez zuenik. - Zelan dakizu zuk emakumezalea zela - Haakonssonek. - Aizu! Mesedez, Haakonsson handi hori! Mesedez! Bizitza osoa daramat forentse lanetan. Horrenbeste badakigu, ze demontre, eta zer kakalardoren adar dakarzu zuk hona orain! - Berriro harrituta utziko gaituen besterik? – Haakonssonek. - Ez, horixe da dena. - Eta beltza? – Gulbrandsenek. - Beltza, arraioa, ahantzia nuen! - Zer daukagu beltzari buruz? – Haakonssonek, xehetasunen beharrez. - Etxon! - inspektorearen hitzak entzun bezain laster Alfhild berotuko zen. Zeuden leku osoan durundi eginez itxaroteko agindua garrasia bezala atera zitzaion ahotik. - Itxaron bai, baina... - Segundo bat ere ezin etxon, e! - Bi ere bai baina... –Haakonsson adarra jotzeko saltsari bueltak ematen. - Etorri, kontxo! –forentseak hozkailuko ohatila erakarri zuen, eta gorpua estaltzen zuen maindirea hildakoari gainetik kendu zion-. Hemen daukazue. - Ea Alfhild has hadi –Handik alde egiteko ahaleginean gaineratu zion Haakonssonek. - Kokotean tiroa. Bat. Hemen duzue bala. Dagnyk bala plastikozko poltsatxoan sartu zuen. - Bederatzikoa –Haakonssonek, inolako zalantza izpirik gabe baieztatuz. - Bai - Dagnyk nagusiak egin berri zuen baieztapenari supituan eta ziurtasun osoz erantzun zion. - Zer gehiago? - Haakonssonek begirada irmo, lehenbailehen amaitzearren-edo, mediku forentseari galdetu zion. - Balak egin duen bidea eskuinetik ezkerrera egin duela eta apenas hamar zentimetrora egin diotela tiro. - Tiratzailea eskuina da. - Ez nuke zalantzarik izango. Argi dagoena da eskuinetik ezkerretara egin diola tiro. - Xehetasun guztiak txostenean? - Astuna haiz, gero! - Noizko? - Nozko, nozko, nozko, beti berdin, atzoko, ostia! - Adio, ba! - Agur, bai, agur, kontxo! Azken hori guztia Haakonssonentzat da, ez zuretzat, maitea. - Dagny, goazen jarraian Agmundren etxera, Jannickerekin egon behar dugu eta. Lehenengo berari egingo diogu galdeketa eta gero unibertsitatera joango gara. - Bai, nik ere horrela ikusten dut. Bata zein bestea egin dezakegu lehenik. Berdin dio. Biak egin behar dira. Baina hobe Jannickerekin hasten bagara. - Baina itxaron, lehenengo bulegora igo behar dut, gauzatxo bat hartu behar dut han eta. Berehala nator. - Laguntzea nahi duzu? - Ez, ez da beharrezkoa, itxaron hemen. - Bai, hementxe itxaroteko moduan nago, ez duzu ikusten zer dagoen botatzen goitik behera, ala? - Harrera gunean? - Hor bai. - Bon. Haakonssonek ez zituen apenas segundo batzuk behar izan langelara sartu eta harrera lekura bueltatzeko. Berehalakoan gertatu zen. - Eraman zuk autoa - Dagnyri agindu zion. - Ondo dago. - Telefonoz deitu nahi dut. - Ebbe, zer izan da hori, langelara sartu irtena egitearena, ez dut ulertzen. - Laster ikusiko duzu! - Zer trikimailurekin zabiltza? - Etxon! - Zuk ere Alfhilden ipar mendebaldeko aldaeran? Kar-kar-kar. - Badut pazientziarik! - Horrela hobeto! - Bai, ezta? - Askoz ere hobeto. - Epailearen etxean jakingo dut? - Izan epe apur bat. - Ados. Epailearen etxerako bidean Haakonsson inspektoreak Agmundr epailea deitu zuen. –Hobe telefonoz deitzen badut. Ezustekoa ematea okerragoa izango litzateke. Epaile hauek badakizu zelangoak diren, ezta? - Sobera ere bai. Epailearen etxean telefonoa joka hasi zen. - Bai? –Agathek, epailearen emazteak, erantzun zuen. - Kaixo, Agathe. Agathe zara, ezta? - Bai. Zu nor zara? - Ebbe Haakonsson inspektorea. - Kaixo, Ebbe, zer moduz? - Ondo eta zuok? - Gu ere ondo. - Aizu, Agathe, Agmundr hor al da? - Bai, hemen dago. Berarekin hitz egin nahi izango duzu, ezta? - Bai. - Oraintxe jarriko da - epailearen emazteak eztiki hitz egiten zuen. Agathek mintzatzeko maneratan ere agertzen zuen bere izaera otzana. Ahotik musika eztia aterako balitzaio bezala entzuten zen. Haakonsson inspektoreak telefonoaren bestaldetik, bai hitza aditu zuen. - Agmundr, Ebbe Haakonsson naiz. - Bai, zuk esango didazu ba! - Bueltarik eman gabe, zuzen hitz egingo dizut. Bihon Dahl irakaslea hilda aurkitu dugu, eta zure alabari hiru-lau galdera egin nahi genizkioke. - Erailketa izan da? - Bai. Zalantzarik gabe. - Jannicke susmagarria da? - Ez, baina zerbait esango digulakoan gaude, itsu gaude eta. - Etorri. - Heltzear gaude. - Orain arte, ba. - Bai. Txirrina jotzea nahikoa izango zuten, bat-batean behean atea zabaltzekoa izaten den doinu elektrikoa entzuteko. Haakonsson inspektoreak txirrina berriro jo beharra izan zuen ez baitzuen gogoratzen zein solairutan bizi ziren. Txirrina jotzeko botoiaren ondoan epailearen izena eta abizena zeuden idatzita, ez solairua. - Bai? - Solairua? - Hirugarrena. - Ados. Goian hirurak zeuden itxaroten, hirurak hainbesteko zorigaitzaren aurrean aurpegi serioaz jesarrita. - Ea etorri aurrera, sartu - epaileak agindu zien, aitaren agindua entzun ahala emazteak eta alabak sarreratik egongelarantz egiten zutela. - Nire emazte Agathe ez duzue ezagutzen, ezta? - Kaixo, Agathe, Ebbe naiz, eta hau Dagny Gulbrandsen detektibea. Musuak. - Kaixo, Jannicke, - eskua eman ahala Haakonsson inspektoreak agurtu zuen. Jannickek sorbaldan ile bat zuela konturatu zen, eta aukera paregabea zuela pentsatuz, ausardiarekin, inolako lotsarik gabe eta inori begiratu gabe, zera esan zion: - Ile bat. Haakonsson inspektoreak bi hatzekin hartu zuen ilea, eta lurrera botatzeko ahaleginean, eskua hiru-lau aldiz astindu ondoren, Agmundr epailearen beste aldera zuen poltsikoan sartu zuen, ezer gertatuko ez balitz legez. - Jannicke, hau Dagny Gulbrandsen detektibea da. - Haakonsson inspektoreak aurkezpena Agmundrek izan zitzakeen zalantzak uxatzeko gogoarekin egin zuen. Hizketaldiari jarraipena eman nahi zion, nolabait era horretan ilearen kontuari garrantzia kentzeko eta ahantziko zelakoan, nahiz eta soro-muxarraren begiradapean, soro erein berrietan txoriak uxatzen diren bezain baldar egin zuen. - Kaixo eta kaixo, - elkarri eskua eman ziotenean. Egongelako besaulki eta sofatan eseri ziren. Agathek bisitariak adeitasun handiz hartzeko ohitura zuenez, ohi bezala, kafe gonbita egin zien. Erantzuna ezezkoa izan zen, leporaino zebiltzala, eta oraindik beste hiru lekutara joan behar zutela, eta horrelakoak erabiliz aitzakia legez. Inori pentsatzeko betarik eman gabe, Haakonsson inspektorea supituan hasiko zen hitz egiten. Beti egiten zuen bezala egin zuen, zuzenean harira joanda. - Ba, esan dizudana, Agmundr, Bihon Dahl irakaslea hilik agertu da. - Non izan da? - epaileak bere alabaren laguna hilda zegoela oraindik ezin sinetsirik galdetu zion. Aurpegia latz zuen ipinita. Zalantzarik gabe, berriak latzikara sortu zion eta, horren kausaz, inspektoreari aldika begiratuz, eta besteen aurpegietan ere parada txikia eginez, begiak etengabe mugitzen hasi zen. Martxa frenetikoan jarri zitzaizkion, nolabait barrutik menderatu ezina egin zitzaion amorrua bueltaka izango balu legez. - Bere etxean, alde zaharrean. Halako batean, Agmundr zegoen egoeratik suspertzen hasi zen. Albisteak aurpegia erabat itxuragabetu zion, eta gainera etor zekiokeen karga astunegia izango zela barruntatzen bezala-edo hasi zen: - Nola izan da? - Labankadaz. - Haakonssonek labankadaz esan zuenean, Jannickeren begiak, ordura arte Dagny Gulbrandsenenetara zuzenduta tentsioan zituenak, behera joan ziren, alfonbran finko ipintzeko; senak huts egin zion pentsamendua bizipenetan jarriz. Haakonsson berehala jabetu zen gaztearen begien mugimenduaz. - Sufritu du? - Asko. - Nor izan da madarikatua? - Itsu gaude, Agmundr. - Aizu, Jannicke, zerbait galdetu nahi genizuke. - Bota –txolarreak ur tanta edan ondoren mokoa gora eramaten duen legez agindu zion Jannickek. - Zu Bihonen lagun mina izan zara, ezta? - Nire harreman pertsonalak nireak dira, eta ez dut hitzik egingo, ez orain ez inoiz. Ez dira zuon kontuak - Jannickek ahots txistukaria zuen, airea mihiak eta ahosabai aurreko albeoloak sortutako bide estutik aterako balitz bezalakoa; zalantzarik gabe, tonua apur bat gehiago igoko balu etxeko beirateria erabat suntsituko zatekeen. - Zure maitalea izan dena hila dago. Bere heriotza baliteke Mary Nicizanyeren erailketarekin erlazionaturik egotea, eta niri egindako erasoarekin ere bai. Hori gure kontua da. - Epaile batek bakarrik behartu nazake hitz egitera, eta hori zuok badakizue. Baina hori gertatu aurretik atxilotu beharko nauzue, eta gero auzipetu. - Beharrezkoa bada egingo dugu, Jannicke anderea. Hilketaren susmagarri izateagatik atxilotu zaitzakegu, eta galdeketa egiteko polizia-etxera eraman. Hori ez litzateke okerragoa izango? Ez genuke horra heldu nahi, eta zure aitak eta amak ere ez lukete hori ikustea nahi izango. Jannickek bere whasp aurpegian irribarre maltzurra agertu zuen, eta gero: - Hori ikusiko da. - Noiz ikusi duzu azkenengoz Bihon Dal? - Herenegun hona, gure etxera etorri zenean. Puta horrekin etorri zen. Ama, nola du izena puta horrek? - Jannicke, mesedez, errespetu apur bat, gero! Nora Williams du izena - alabak zuen jarrera lotsagabea ikusita, amak erabat lotsaturik erantzun zion. Euren alabak hartutako norabide psikologikoagatik aspaldian Agathe, eta Agmundr bera ere, arduratuta zebiltzan. Beste kontua, Bihon Dahl irakaslearen maitalea izatearena bere egina zuten; horregatik, Haakonssonek esandakoa esan zuenean ez ziren harritu. - Horrez geroztik ez duzu ikusi? - Ez. Eta orain zoazte pikutara! Inspektoreak entzungor egin zuen, eta beste galdera bat bota zion: - Non zeunden atzo arratsaldeko zortzietan? - Hemen, eta esan dizuet pikutara joateko! - Aizu, Jannicke, hemen inork norbait etxetik kanpora bota behar badu zure ama eta ni izango gara, gero? Entzun? Azken bolada honetan zer gertatzen zaizu, ba? Ebbe, aspaldian ez dakigu zer gertatzen zaion. Harrituta, haserre eta arduratuta gabiltza –Jannicke altxatu zen egongelatik alde egiteko, eta une hartantxe Haakonssonek aukera ezin hobea ikusi zuen trikimailu zahar bat erabiltzeko. - Jannicke! Gauzatxo bat baino ez, tori pilota! Haakonssonek praketako poltsikoan zeraman gomazko pilota txikia botako zion Jannickeri, eta honen senezko erreakzioak ezkerrarekin hartzera bultzatuko zuen, berehala gaineratzeko: - Baina, zer lelokeriarekin zabiltza? Jannicke ez zen konturatu. - Opari bat, besterik ez - Haakonssonek serioski. - Haakonsson, sentitzen dut - esan zion Agmundr epaile jubilatuak-. Besterik behar baduzue, esadazue, –epaileak jarraitu zuen. Agmundr aurpegia itxuraldatuta zuela zegoen oraindik. Bere onetik irtenda zegoela agerikoa zen baina, hala ere, eutsi zion amorruari. Zalantza izpirik gabe esan zitekeen pilotaren jokoa berehala harrapatuko zuela. - Bon, oraingoz nahikoa dugu. - Besterik ez? - Oraingoz ez - Haakonssonek. - Agur, Agmundr, eta zuri ere bai, Agathe! - adeitsu bota zien Gulbrandsen detektibeak. - Agur, bai, agur, Ebbe eta Dagny - Agathek egin zien agurra, Agmundr horretarako ez baitzegoen. Gor-mututasunean zegoen. Behean, autorantz zihoazela, Dagny Gulbrandsen detektibeak zera esan zion inspektoreari: - Aizu, Ebbe, ez nuen uste pilotaren trikimailu zahar hori erabiliko zenuenik. - Zein erabiliko nuela uste zenuen, ba? - Bide luzeagoren bat. Epailearen alaba dela kontuan izanda, beste bide bat hartuko zenuela uste nuen. Agmundr jabetu da. - Argi eta garbi utzi diot. Zor nion. Orain badaki zer dagoen. Itxaroten nagoena gertatzen bada, ez da berarentzat eta Agatherentzat pozgarria izango. Alaba tuntun hutsa da. Ez da konturatzen ezertaz. - Ebbe, jabetu zara, aitak erakutsitako bideari jarraitu diola alabak? - Iturriko ura bezain argi. - Bai, ezta? - Bai. - Dena den, Agmundrek ez daki hiltzailea ezkertia denik? - Egon lasai, laster jakingo du eta. - Bai, ezta? - Garroak oraindik bere onean izango ditu. - Ziur. - Emadazu plastikozko poltsa bat. - Zertarako behar duzu? - Galderak nik, Dagny. Zabaldu poltsa, hau sartu behar dut eta. - Ilea? - Bai. - Eskua astindu duzunean lurrera botatzeko ahaleginean zenbiltzala uste izan dut. - Bai, horrexetarako nago ni, lurrera ezer botatzeko. - Jabetuko zen Agmundr? - Ez izan zalantzarik. Dagny, hartu poltsa eta gero zientifikokoei eraman ikertu dezaten. Daukagunarekin nahikoa eta sobera daukagu, baina inolako zalantzarik ez izateko DNA egiaztatu behar dugu. - Ados. Beste gauza bat, Ebbe: pilota txiki hori hartzera joan zara langelara, ezta? - Bai, horixe zen behar nuena. - Ondo egon da. - Trikimailu zaharra baina oraindik erabilgarria. - Bai. Haakonsson inspektoreak autoko atea zabaldu eta barrura sartzekotan zenean, beste behin kolpe itzela hartuko zuelakoan, gorputza bihurtuz, kontuz egin zuen barrura. Bolantea eskuekin hartu, eta jesarlekura egokitzeko mugimendua ez zuen ondo neurtu, eta buruarekin ateko kristalaren goialde metalikoa babesten zuen goma gogorra jo zuen. –Berriro ere, zer deabrukeria gertatzen zait ba! Dagny Gulbrandsenek barre egin zuen baina ezer esan gabe geratu zen. Autoa martxan jarri ondoren, unibertsitaterantz ziztu bizian abiatuko ziren, Haakonssonek gidatu ahala buruan hazka egiten zuela. Unibertsitateko lana nekezago egingo zitzaielako ustetan zeuden. Lehenengo, Giza Antropologiako mintegi buruarekin egon beharko zuten. Pentsatu baino errazago etorri zitzaien dena eskura, eta Torbjørn izena zuena irakasle gelan aurkitu zuten. - Egun on, Torbjørn jauna, Gulbrandsen detektibea eta Haakonsson inspektorea gaituzu. Bihon Dahl irakaslea hil egin dela esatera gatozkizu, eta bide batez galderaren bat edo beste egitera. - Nola Bihon hil dela? Atzo berarekin egon nintzen, eta oso ondo ikusi nuen eta! Osasun ona zuela ematen zuen. - Bon, gaizki hasi naiz. Hil egin dute. Bere etxean aurkitu dugu. - Nola izan da? - Labanaz. Irakasle edo eta ikasleren batekin harreman pertsonalik-edo bazuen jakin nahi genuke. Hemen norekin ibiltzen zen? - Hartu emanak diozu? - Bai. - Jende askorekin ibiltzen zen. Nola ez zituen harremanak izango ba, oso lagunarteko pertsona da eta, beno, zen. Irakasleok derrigorrezkoa dugu, harreman pila izateko, hartu emanak izatea, hitz egitea, komunikatzea, horixe da gure jarduna. - Bai, baina bereiziki bazuen hemengo norbaitekin hartu eman berezirik? - Ez dakit, ba. Baliteke Yngve irakaslearekin-edo. Baina baliteke soilik diot. Inoiz kafetegian elkarrekin ikusi ditut, nahiz eta hori esateak ez duen ezer esan nahi. Mundu guztia gabiltza mundu guztiarekin erlazionatzen. - Gauza arrarorik sumatu diozue? Normala ez den zerbait? - Bihon ereduzko portaera izan duen irakaslea izan da. Ez hori bakarrik, irakasle kide ona izan da beti. Ez duzue berari buruz gauza txarrik esango duenik aurkituko. Oso pertsona baikorra zen. Gainera, edozein unetan, edonor laguntzeko prest agertzen zen. Lanez leporaino egonik ere, beti agertzen zen esku bat botatzeko prest. - Bon. Non aurkitu dezakegu Yngve irakaslea? - Orain? Ea, itxaron apur batean, taula begiratuko dut - Torbjørnek ordenagailuan ordutegiaren karpeta zabaldu ondoren gaineratu zuen: - Mintegian egon beharko luke. - Non dago bere mintegia? - Biak, Yngue eta Bihon Dahl mintegi berekoak dira. Pasabide honetatik azkeneraino joan eta ezkerreko bigarren atea. Atean Giza Antropologia Mintegia jartzen du. - Mila esker. - Ez dago zergatik. Aurrerago... - Irakasle asko aparteko pertsonak dira, ezta? - Gulbrandsen detektibeak. - Ematen du Bihon ere talde horretan sartu beharko litzatekeela. - Bai, Ebbe, pila bat dira horrelakoak, eta gainera batzuk oso bereziak; oso onak. Giza Antropologia Mintegira heldu zirenean, Haakonssonek atea hats-koskorrekin jo ondoren zabaldu zuen. - Kaixo, egun on. - Egun on –lau irakasle zeuden mintegian eta laurek botako zituzten agurra egiteko bi hitzak, baina batek ere ez zuen burua altxatuko. - Hemen al da Yngve irakaslea? - Bai, zati bat hemen daukazue - esanez hogeita hamar urte inguruko gizonezkoa jesarlekutik jaiki zen. Ilegorria, bizarduna eta sendoa zen aurpegian betaurreko biribilak jarrita zituena. - Egun on, Yngve. - Baita zuei ere. - Ebbe Haakonsson inspektorea eta Dagny Gulbrandsen detektibea gaituzu. - Zu, Haakonsson, ezaguna zaitut; zu ez, Gulbrandsen anderea. - Ospetsuak gara, e? - Nola ez! - Bon. - Zuok esango didazue. - Atera zaitezke unetxo batez? - Bai. Mintegitik pasabidera aterako ziren eta atea itxiko. Barruan geratu ziren beste hirurak elkarri begira geratuko ziren harridura ikurra aurpegian jarrita. - Bon. Ezagutzen duzu Bihon Dahl, ezta? - Bai, ba! Mintegi berekoak gara. Nola ez dut ezagutuko ba! - Lagunak zarete? - Bai. Lagun onak garela esango nuke. - Hilik agertu da bere etxean. - Hilik? - Bon, hil egin dute, eta bere gorpua etxean aurkitu dugu. - Hain pertsona ona nork hil lezake? Ez dut ulertzen. - Atzo arratsaldeko zortzietan non egon zinen? - Liburutegian. Lan bat gauzatzen nabil, eta ordu pila eskatzen dit. Arratsalde asko ematen ditut liburutegian. - Ondo dago. Izan duzu harreman intimorik Bihonekin? - Behin baino ez. Ez dakit, duela hiru bat hilabete edo. Baina hori oso gai pertsonala da! - Bon. - Ikasleren batekin edo izan du tirabirarik? - Ez, eta erabat diot ezetz! - Notak direla, edo? - Ez, eta erabat diot ezetz! - Badakizu norbaitekin arazorik-edo izan duen? - Ez dut uste horrelako konturik aurkituko duzuenik. Oso pertsona baikorra izateaz gain, gauza gutxi behar izaten zuen pozik egoteko, eta bizitzeko beste hainbeste esango nuke. Gauza gutxirekin konformatzen zen. - Bon. Besterik ez. - Zerbait gehiago behar baduzue badakizue non aurkitu nazakezuen. Baina gai pertsonalik ez, mesedez! - Bai, mila esker. - Adio! - Aizu, Yngve, beste gauzatxo bat: ezkertia zara? - Bai, Norges Kommunistiske Partikoa naiz, eta harro nago gainera. Ez dut inoren aurrean ezkutatzen. - Ez zen hori nire galdera. - A! Eskuinarekin idazten dut. Hori galdetu nahi zenidan, ezta? - Hori, preseski. Agur! - Adio. - Agur, bai, agur. Galdeketa amaitu ondoren, polizia-etxeko bi kideek automobila utzi zuten lekuraino tartea berriketan emango zuten. - Irakasleak buru belarri euren kontuetan, e? - Gulbrandsen hasi zen lehenengo esaldia galdera erara botatzen. - Bai. Badakizu zer gertatzen den, ezta? - Zer? - Irakaskuntzan lotan geratzen dena atzean geratzen dela –Haakonssonek, berriketarako gaia interesekoa zuela agertuz. - Hori irakaskuntzan bakarrik ez, beste edozein lanetan ere berdin gertatzen da –Gulbrandsenek. - Bai, baina irakaskuntzan inon baino gehiago nabaritzen da. Esan nahi dut, eskoletatik kanpo egin behar dutena ez dela soilik azterketak zuzentzea, pila bat irakurri beharra dute, eta ez bakarrik euren arlokoa, beste zientzietakoa ere erabiltzen dute. - Literatura ahantzi gabe –Gulbrandsenek, garrantzia emanez. - Horrek ere badauka garrantzia, oso garrantzitsua dela esango nuke, baina horretaz gain, kultura orokorra esan nahi dut, eta hor zinema ere sartzen da. - Zientzietako arlo guztiak, ezta? - Bai ba, gizartean gertatzen den guztia. Musika, teatroa, dantza, herri mugimenduak. Bestela zer? Atzean geratzen zara. Hori guzti hori beste lanbide batzuetan oso jarrera pertsonalekoa da, baina irakaskuntzan behar-beharrezkoa dela ikusten dut. Zuk ez duzu horrela ikusten? - Irakaskuntzak hori guztia eskatu egiten duela uste dut. - Bai, ezta? - Bai. - Hori da, edozein materia eman nahi bada, materia horretan oso jantzia izateaz gain, besteetakoetan ere iaioa izan behar da. Bestela nola elkarrekin lotu? –Haakonsson gero eta barrurago gaian sartuta. - Esan duzuna oso argi ikusten da, esaterako literaturan sasoi bateko idazle bat ikusten denean –Dagny, interesaturik. - Bai ba. - Beraz, kasu horretan historia jakitea eskatuko luke. - Eta sasoiko idazlearekin gabiltzanez, orduko politika zein izan zen, eta agintariak zeintzuk ziren... - Eta biztanleria zein baldintzatan bizi zen, eta oparoaldia izan zen ala guztiz kontrakoa... –Dagnyk, gogoz. - Gose naiz. - Ni ere bai. - Zer ordu da? - Ez dakit. - Zu ere erlojurik gabe? - Batzuetan hobe izaten da aldean erlojurik ez eramatea. - Zertarako eraman egin behar dena nahitaez egin behar denean, ezta? - Hori ba. - Autoan daukagu erlojua. - Bai. - Kafe bat eta zerbait jateko? - Horixe nengoen pentsatzen. - Itxaroterik bai? - Lar ez. - Aker tabernan? - Urrutiegi. - Bidean aurkituko dugun lehenengoan? - Hobe. - Berehala aurkituko dugu baten bat. - Taberna faltarik ez dago bazterretan. - Asko, baina gure gustukorik asko bai? - Hortxe dago ba kontu guztia. - Norberaren gustuan, ezta? - Bai, hala da. bederatzi Goizaldeko hiruretan egurats umelak oldarkor egiten zuen aurrera. Haakonsson inspektoreak orduak zeramatzan langelan atsedenik hartu gabe, azkenengo ordu erdia argazki eta paperez beteriko kasuaren argibide-taulan erabat murgildurik, batik bat hiriko mapa handi batean kasuarekin erlazionaturik zeuden tokiei errotuladore lodi batekin gorriz pintatu berri zituenei, kasu eginez. Aldi batean, hain luzaroan finko jarrita izateagatik nekatuta zituen begiak eri-koskorrekin igurtziko zituen, lausotzen hasiak baitzituen. Goizaldeko hirurak zirelako ere izan zitekeen. Kasua, hariren bat soilik lotzeko faltan buruan bueltaka kiribila eginez zuena, behin eta berriz, film batean bezala zetorkion. Lehenagotik ere susmoa hartua bazion ere, inspektorea kontuak gaitz xamar ipiniko zitzaizkiolako ustean oldozten hasi zen beste behin. Euren bisita jaso zuenetik Agmundr epailea garroak mugitzen hasia zela jakin bazekien. Azken egunetan, epailea hurrengo hauteskundeetarako alderdi kontserbadorearen zerrendetan joango zen zurrumurrua hirian hedatzen zihoan, eta hori horrela izateak oraindik arriskutsuago bihurtzen zuen. Ordurako deiak egiten hasia izan zela jakiteko, Haakonssonek ez zuen behar inork ezer esaterik, eta, uste izatekoa zen, epaileak Bihon irakaslearen hiltzailea nor izan zitekeen jakingo zuela, eta, horren ondorioz, noski, goizeko zortzietarako espero zezakeena etorriko zitzaion, alegia, inspektore nagusiaren deia, bere gainekoarena, kapitainarena. Hura hasiko zitzaion sakatzen, eta, gainera, mehatxuak agerian agertuko zizkion. Gutxieneko argitasuna izan zezakeen edonork pentsa zezakeen bezala, kontraerasoa prestatu behar zuen. Hain justu, horregatik eman zituen orduak hedabideak erabili bai ala ez, pentsamendu horri bueltaka, eta, ondorioz, ezinbestekoa bezain arriskutsua zitzaion bidea zabaldu beharra izango zuen. Ez zuen beste irtenbiderik. Adiskidetasuna baliatuz Nordlys egunkarian lagun zuen kazetaria erabiltzea ageriko aukera zen. Erlojuari begiratu zion. Goizaldeko hirurak eta minutu bat. Bazitekeen garaiz ibiltzea. “Ez daukagu denbora asko, apenas ordu pare bat”, - burura etorri zitzaion. Horren aurretik Gulbrandsen detektibeari deitu zion, eta, behar beharrezkoa zuen detektibeak, berehala, lo sakonetik irtetean izaten den ahotsarekin erantzun zion. - Ebbe, esan. - Dagny, baduzu bulegora etortzerik? - Atoan! E, baina badakizu zer ordu den? Bikotekidearekin ohean nago. Hobe esanik, lotan seko nengoen. - Ea, ea, egongo da denbora lo egiteko. - Zer behar duzu? - Zenbat denbora behar duzu? - Badakizu non bizi naizen. - Hamar minutu. Balio dit. - Agur. - Adio. Jada atzera egiterik ez, eta prestatu zen ezinbestekoa zen urratsa egiteko. Kontuz ibili beharreko gaietarako soilik erabiltzen zuen telefonoan Nordlys kazetako lagunaren zenbakiak sakatu zituen. - Bai! - aditu zuen telefonoaren beste aldean. - Thora maitea! - Bai, nor da? - Asmatu beharko zenuke! - Ba, ez! - Beste inork agurtzen zaitu Thora maitea esanez? - Ba, ez! - Pentsatzeko denbora gehiago behar duzu, ezta? - Aspaldi ezagutu nuen norbait, horrela esaten zidana. - Ea hortik! - Ez duzu zure izena esan nahi, ezta? - Horixe da kontua! - Kaixo, aspaldiko esango dizut orduan! - Thora, zure beharra dut. Non zaude? - Taberna batean, kopa bat edaten. - Elkar ikusi behar dugu, eta oraintxe! - Alboan dudanarekin berotzen hasia naiz, baina zeuk esaten didazun lekura joango naiz, eta oraintxe bertan gainera. - Zerbait eskegi behar duzu. Papererako ez dakit denborarik izango dugun. - Proposamena gustatzen hasi zait. - Bai, ezta? - Bai! - Ba oraindik ez naiz hasi, egin kontu! - Zurekin ere berotzen hasi naiz! - Banekien. - Sarekoa berehala egin daiteke. - Bon, erdu lehenbailehen. - Nora? - Arakataka, ezagutzen? - Polizia-etxearen inguruetan? - Bai. - Aker jatetxearen inguruetan? - Bai. - Eraikin horren atzealdean dagoena? - Hain justu. - Gau osoa izaten dute zabalik, ezta? - Bai. - Oraintxe noa. Bost minutu. - Bon. Gulbrandsen detektibeak bulegoko kanpoko atea igaro zuenean artegatuta ematen zuen. Nolabait kontuak norantz zihoazen jakingo balu bezala zetorren. - Ebbe? - Bai, neure bulegoan nago. Ez zuen denbora luzerik behar izan Haakonssonen langelara sartzeko. Atea zabalik zegoen. - Kaixo, Ebbe, zer da hain larria? - Sobera ere badakizu. - Freskatu oroimena. - Bihonen hiltzailearen gure susmo guztiak badakizu norantz doazen, eta baieztatzen ari gara gainera. Hatz-markak atera direnean eta nortasun agiriekin alderatu ditugunean badakizu noren agiria agertu zaigun. Gainera, Agmundr epaile jubilatua bisitatu dugunean baieztatuta geratu da gure susmoa. Ilearen DNA bakarrik falta zaigu, eta hori laster izango dugu. Esku artean ditugun frogak guretzako erabakigarriak dira, baina ikusi behar epailearen indarra norainokoa den, eta, gainera, ikusi behar kasu hau hartzea zein epaileri egokituko zaion, eta, bide batez, ausartuko ote diren zientifikokoen frogak kutsatzen. Hau ez nizuke esan beharko, ez zintuzket honetan nahasi behar, baina baliagarria izango zaizulakoan nago. Horregatik deitu dizut. Kazetari lagun bat deitu dut, eta ezkutuan daturen bat emango diot. Sarean eskegiko dugu, eta ea paperekorako denborarik daukagun. Horrela egin beharko da, naiz eta goikoek begi onez ez duten ikusiko. Zu geratu zaitez alde batera, eta galdetzen badizute ezeztatu dena. Zuk ez dakizula ezer esan beharko duzu. Gauzak horrela ez baditugu egiten alde guztietatik hasiko zaizkigu sakatzen. Epaileek sakatuko gaituzte, nagusiek sakatuko gaituzte, agintea duten politikariek sakatuko gaituzte eta abar, eta abar, eta abar. Nik pentsatu bezala egiten badugu etor dakigukeena saihestu dezakegu. Dena den, eta lasaitu zaitezen, egiten ari garenaren ardura guztia neure gain hartzen dut. Honetaz guztiaz neuk erantzuten dut. Neurea da erantzukizuna. Gure gainekoak ordu batzuk barru, gutxi gora behera bederatzietarako-edo, deituko dit. Ordu horretarako denak sarean eta zabalduta egon behar du. Horrela gertatzen bada, kapitainak bere bulegora joateko eskatzen didanean, kontua errieta soil batetatik ez da pasatuko. Sareko eta egunkariko albistearekin ez daukadala zerikusirik esango diot; ez dakidala deus ere. Eta gaineratuko diot Agmundren alaba atxilotzera goazela. Kirol-jertsean agertutako odola Bihon Dahl irakaslearena da, eta DNA frogatan andrazko bat agertzen da. Ez daukat zalantzarik Jannickeren DNA dela. Horregatik deitu dizut. Zientifikokoen egoitzara joan behar duzu, hangoa kontrolpean izan dezagun. Deitu dut bertara, eta ilearen DNArekin laster amaituko dutela esan didate. Gainera, Jannicke atxilotzen dugunean, inork ezeztatu ez diezagun, listua ere ikertu beharko zaio. Haakonsson inspektorearen kontuzko gaietarako telefonoa joka hasi zen. - Bai. - Aizu, lagun! - Bai. - Nik konplitu dut eta zu ez zaude. - Oraintxe noa, minutu bat. - Ados. Haakonsson inspektoreak sakelako telefonoa praketako poltsikoan sartu zuen. - Dagny, laster izango naiz bueltan. - Ados eta kontuz. - Oraintxe nator. - Zu ateratzen zarenean zientifikokoen bulegoetara jaitsiko naiz. - Egin horrela. - Bai. - Agur. - Adio. Haakonsson inspektorea tabernara sartu zenean, Thora, Nordlys egunkariko kazetaria, bakarrik zegoen barruan, barran besoak jarrita esku bien artean zuen gin-tonicari begira. Bihurtu zuen burua eta so geratuko zitzaion bere ondora heldu zen arte. Erdi lotan zebilen zerbitzariak inspektoreari apenas egingo zion kasurik, andrazkoa eta bera bakarrik egonda, aukeran esperantza pittina izango baitzuen ipinita, gau miserable hartan arrakasta izateko abagune paregabea ikusiz-edo. Asmoa hutsean geratu zitzaion. - Kaixo, Thora! - Zer moduz, Ebbe? Musuak. - Bagabiltza. Zu, zelan? - Zu baino hobeto, Ebbe. Zer da eskegi behar dena? - Thorak ez zuen, minutu batzuk gora behera, aurrean agertu zitzaion aukera pare gabea galtzerik nahi izan, eta denbora galtzen ibili beharrean harira joan zen artezean. - Oraintxe. Goazen bazter hartara. - Zerbait edateko? - Ez. - Kafe bat ere ez? - Orain ez. Esku artean daukaguna egin behar da! - Kafe bat ere ez, e! Aldatuta ikusten zaitut. - Ez da hori, Thora! - Goazen. - Thora, badakizu bi kasu aldi berean argitzen gabiltzala, ezta? - Bai, bata Mary Nicizanyerena izango da, ezta? - Bai. - Eta bestea Bihon Dahl irakaslearena? - Bai. - Eta zer behar duzue? - Zer behar duzue, ez. Zer behar dut. - Ulertzen dut. Txarrenean dena zure gain, ezta? - Bai, argi eta garbi. - Eta zer da prentsari ezkutuan ematea nahi diozuna? Zure izena, noski, ezinda inondik inora agertu, ezta? - Ez. - Badakizu ez dagoela arazorik. Sekretupeko kontuak izan arren sumariotik beti jakiten dira datu batzuk. Gainera kasu honetan ez dago gaizkiderik. Hortik ezin digute ezer egin. Hori guzti hori gutxi balitz bezala, “Habeas Data” daukagu; kazetari sekretua; berria zein iturritatik etorri zaigun ez esateko Habeas Data. - Bon. - Zer nahi duzu agertzea? - Bihon Dhal irakaslea hil duena epaile baten alaba dela. - Hori bai lehergailua! - Itzela, ezta? - Ez esan noren alaba! Neuk esango dizut! - Ez duzu asmatuko. - Bai! Nola ez? - Ez dut uste. - Ebbe Haakonsson maitea, zu baino apur bat gazteagoa naiz, baina apur bat bakarrik. Politika arloko kazetaritza egiten dut aspaldidanik. Zuk uste duzu, ezetz? - adarra jotzeko doinuarekin botako zion. - Hala uste dut. - Gehiago esango dizut oraindik. - Zer? - Epaile horrek politikan sartu nahi duela. Hori zuk ere badakizu, ezta? - Hirian hedatutako zurrumurrua da. - Zurrumurrua bakarrik ez. Gehiago dago. Alderdi kontserbadoreak buru ipintzea nahi du. - Horraino? - Bai. Jadanik bazkariak eta afariak hasita daude. Bilerak han eta hemen aspaldi hasi dira. - Horrenbeste? - Hemen, Oslon, sobera ere badakizu, politikaren berri ematen dugunok kazetari gutxi batzuk soilik garela, baina gabiltzanok buru belarri gabiltza. Gauza asko dakigu. - Ez dut hori zalantzan jartzen. - Akaso zuk beste ez dugu jakingo, baina... - Guk? Guk ez dakigu ezer eta! - Beno, artikulua egiteko eman didazun esaldiarekin nahikoa dut. Baina labur geratuko da. Fidagarritasunik gabe geratuko litzateke. Arma, Ebbe! Aztarnak! - Ados. - Esaldia! - Hiltzeko erabilitako aiztoan hiltzailearen hatz- markak daude. - Hori bai, Ebbe!, hori bai! Horren kontra jai daukate. Besterik? - Bai. - Zer? - Bihon Dahl eta ustez hiltzailea dena apenas aste batzuk arte maitaleak izan direla. - Ufa! - Bai, ezta? - Fidagarritasun osoa. - Inolako zalantzarik gabe. - Maitale jeloskorra? - Ez daukat zalantzarik. - Mantis Religiosaren ziztada, edo eztenkada esan beharko litzateke. - Marisorginaren ziztada, zuzenago. - Munduan honelako lehenengo kasua? - Ez dakit, ba. Lehenengoa ez da izango, nahiz eta gehienetan gizonezkoak uzten duen lurrean emakumea hilda. - Zalantzan nago lehenengo kasua ote den. Hemerotekara sartu beharko nuke. Kasuarekin amaitzen duzunean, gustatuko litzaidake zurekin lasaiago egotea, honen guztiaren xehetasunak izateko. Bitxia iruditzen zait lan sakon bat egiteko. Badu interesa; itzela esango nuke. Honelako kasu asko ez dira munduan egongo, ez! - Nik ere ez dut sekula antzerakorik entzun. - Orain bai fidagarri geratuko dela. Beno, honekin nahikoa dut. Erredakziora noa. Hemen ezin dut grabaketa egin, kutsatuta geratuko zinateke eta. - Barrako papao horrek ez du argirik.., ezta? –Haakonssonek zerbitzariarengan begiak jarrita. - Hori ematen du, baina ez fidatu. Badakizu, leloena kapitain! - Sarritan gertatzen da. - Sobera ere badakigu, ezta? - Bai, nola ez! - Zuk ikusi duzunik ez da egongo! - Zuk gehiago, segur aski. - Zalantzan nago. - Bon. - Grabaketa egunkarian egingo dut, eta eskegiko dut. Gero erredaktore buruarekin hitz egingo dut, bai digitalean bai paperezkoan jartzeko, edo alderantziz egingo dut. Ez dakit, bidean pentsatuko dut. Domina bat emango didate. - Mila esker, Thora. - Ez maitea, hau badakizu ez doala horrela. - Zer behar duzu? - Zer behar dudan ez. Trukean zer! - Zer? - Mary Nicizanyeren kasuaren albistea argitaratuko duen lehena izan nahi dut. - Ados. - Pulitzer saria ikusten nago! - Horrenbeste? - Bai! - Ez dut uste. - Hori ematen badidazu nik zuri trukean gau zoragarria oso-osorik eskainiko dizut. - Ez nago ni horretarako. - Ikusiko duzu baietz, izarrak ikusiko ditugu. - Ezetz ba. - Bai, laztana, zu kitzikatzeko zelango armak ditudan jakingo bazenu! Gorenera eramango zaitut! - Ikusiko da. - Egon ziur. Hori neure kontu. - Agur, maitea, zoaz nire aurretik eta kontuz. - Zuk bai ibili beharko zenukeela kontuz. Hesteetaraino sakatu zaituzkete! - Bai. - Prest? - Egon behar. Horixe da gure patua, zuzena dena egitea. - Ai!, denak zu bezalakoak izango balira... - Asko gara. - Zuk uste? - Ez izan zalantzarik, horrela da eta. - Sinestu nahi nuke. - Ez zara zu ere horren aldekoa, ba? - Bai, nola ez, jakina! Horregatik nago egunkari honetan, eta ez beste horietako batean. - Hori ba! - Tira! - Adio, banoa! - Agur! Langelako telefonoa joka hasi zenean, burua mahaiaren gainera botata zeukala, Haakonssonek oraindik bulegoan jarraitzen zuen. Apenas ordu beteko lo aldi astuna izango zuen egindakoa, iratzartzean kasua bueltaka ibili izanaren oroitzapena aurpegian nabarmen erakusten zuela. Saunara sartu-irtena egitekoa ez zitzaion ametsetan etorri, ez eta kafetegian kafe arina edatekoarena ere, senari ateak zabalduta hausnarrean egondakoarena baizik. Etenik gabe zebilen Burundikoen ezkutalekua non egon zitekeen pentsatuz, eta, batik bat, hari guztien lotura zein izan zitekeen buruhauste itzela bihurtuta zuen. Bihon Dahl irakaslearenak ez zuen jada kezkatzen; kontrolpean zuelakoan zegoen. Erlojua begiratu zion. Goizeko zazpiak eta bost. - Bai? - bulegokoek egiten zioten deiari galdera doinuaz erantzungo zion. Deia harrera-lekutik zetorkion. - Ebbe? - Bai. - Beste beltz bat hilda aurkitu dute. - Izurritea? - Hala ematen du. - Non? - Malmoysund aldeko portu ondoan. - Malmoysund portuan? - Ez, portutik kanpora. - Nork aurkitu du? - Arrantzale jubilatu batek. - Zer ordutan? - Duela bost minutu deitu du. Dagny joan da. - Zergatik? - Deia sartu denean harrera-lekuan egon delako, eta bost minutu igarotakoan zuri deitzeko agindua eman digu. - Bon. Haakonsson inspektoreak Gulbrandsenen telefono zenbakia sakatu zuen, eta detektibeak berehalakoan erantzun zion, berarekin hitz egiteko irrikatzen zegoela nabaritzen zitzaiola. - Bai? - Dagny? - Bai, Ebbe, dena kontrolpean. Deia jaso denean bulegoan egon naiz. Neuk esan diet zuri deitzeko, eta Alfhild forentseari ere bai, baina nik alde egin dudanetik bost minutura. Barkatu, Ebbe, baina lo apur bat egitea behar zenuen. - Zuk ere bai! - Ni ondo nago. - Bon. Non zaude? - Salbamendu-potinean portutik atera berri gara. Bi potinetan goaz. Heldu berria nirekin dago, eta taldeko beste lau gehiago. Gainerakoak, badaezpada, hor utzi ditut. - Bon. Alfhild forentseari deitzeko agindua eman duzu, ezta? - Bai. - Eta zientifikokoei? - Zientifikokoei zertarako, zertarako behar ditugu? - Arrazoi duzu. Erdi lotan nago oraindik. - Hori ba. - Ondo. Hor egongo natzaizue itxaroten. - Gero arte. - Bai. Haakonssonek beltza hil ondoren uretara botatzeko urrundu egingo zuten susmoa hartu zuen. Hausnarrean obsesiboki egiten zuen etxe horirantz. Paretan jarrita zuen mapara bueltatu zuen aurpegia. Toki erre batean oraindik handik bueltaka ibil zitezkeela sinestea zail egiten bazitzaion ere, bihozkada zuen, posible zitekeela, kanpotarrak auzo hura bakarrik ezagutzea, han bertan bakarrik seguru sentitzea. Horixe izan zitekeen talde-buruak izan zezakeen segurantza bakarra. “Hori pentsatzea ez da logikoa, baina pertsonaren portaera noiz izan da logikoa? Logikak hemen ez du funtzionatzen, segurtasuna ematen duen zerbaiti atxikitzeak bai ordea. Edozein pertsonak jokabide bat edo beste aukeratzerakoan garrantzi handia ematen dio segurtasuna ematen dion zerbaiti atxikitzeari”, urteak atzera, psikologia kriminaleko irakasleak eskola amaitzeko egindako laburpena inspektoreari gomutara etorri zitzaion. Ezeri jaramonik egin gabe, Haakonssonek taldeko lau deitu zituen, eta beraiekin zuzendu zen amets egitea galarazita zegoen Søndre Nordstrand auzora. Heldu zirenean, senari jarraituta, lau poliziak bananduko zituen, bostak etxe horira ematen zuen errepidearen luzetara jarriz, handik fiordora ematen zuen eremua orrazteko asmoarekin. - Basurdeak harrapatzen diren bezala ibili behar dugu, entzun? - taldekoei agindua inoizkorik serioen bota zien.- Benetan, hartu kontuan! - gaineratu zien. Fiordoko urak haserre agertzen ziren, potinak zabuka ibiltzera kondenatuz. Nola edo hala olatuak saihestuz itsasoak irabazitako glaziarraren bidean aurrera joan beharra izan zuten, ez baitzegoen beste erarik Malmoysund inguruetara joateko, itsaslasterraren indarra kontutan hartuta, arrantzalea zegoen lekurako bidea pentsa ezina baitzen itsasertzetik egitea. “Teknologia puntako tresneriak ere, naturaren agerraldi bortitzen aurrean men egin behar, hauxe aurrerakuntzaren sinoa” haur txikia bainuontzian jolasean zebilela, hainbat enbatatan ondo zaildua zen kapitain porrokatuak lasaitasun osoaz zioen. - Kapitaina, prismatikoak behar ditut, - haize aldakorraren ondorioz ileak aurpegia ezkutatzen ziola, Gulbrandsen detektibeak eskatu zizkion. - Prismatikoak? - Bai. - Zertarako behar dituzu? - Ea, galdera gutxiago eta emazkidazu! - Arrantzalea non dagoen jakiteko? - Bai. - Hemendik eta oraindik ez duzu ezer ikusiko. - Nola dakizu hori? - Detektibe anderea, teknologia erabiltzen gabiltza. - Teknologia eta perretxiko ustela, emazkidazu behingoz! - Tori, tori! Bulegora deitu zuen gizona ikusteko, Gulbrandsen detektibea esku bata potineko kordelari eusten, bestearekin prismatikoak zituen bitartean, batera eta bestera begiratzen aritu zen, baina arrantzalearen errazturik ez zen inondik ikusten. - Ikusten ezer? –kapitainak, begirada maltzur. - Ez. - Esan dizut ba! Begira pantaila honetan, arrantzalea dagoen tokiko koordenatuak jarrita ditut. Ikusten duzu puntu hau? Ba hauxe da arrantzalea. Oraintxe egingo dugu harantz. Ematen du han bareago dagoela ura. - Zurea bai ikusmena! - Ez dakit ikusmena edo eskarmentua den, edo biak! - Biak segur aski! –detektibeak, lasaiago. Kapitainak ezkerretara eginez biratu zuen norabidea. Atzetik zetozenek aurrekoei jarraitzeko berdin egin behar izan zuten. Irratian ez zen esaldirik. Halako batean, kapitainak, prismatikorik gabe, eskuarekin norabidea seinalatuz, “Begira, han dago” Gulbrandsen detektibeari esan zion. - Bai, huraxe izango da. Arrantzale jubilatua da. –detektibeak baieztatu zion- . Bakarrik dago, ezta? - galdetuko zion. - Bai, hala ematen du - kapitainak, aldizka olatuen norabidera, besteetan pantailara so eginez, norabidea zuzendu ostean erantzun zion. Olatu bat potinaren saihetsetan ematera harrotuta heldu zitzaien, eta Haakonssonen taldera praktikak egitera etorritakoa ezustean uretara bota zuen, kapitaina mutila harrapatzeko uraren indarraren kontrako maniobra bortitza bezain brastakoa egitera behartuz. Potineko guztiak geratu ziren mutilari begira, eskuekin txapla- txapla egiten zuela, olagarroak uretan garroak nola mutilak hala. Waldemarek ez zekien igeri egiten. Ontzira igotzeko bisigua harrapatzen den bezala egin behar zuten. - Waldemar, tori manta eta jar ezak bizkarrean. - Ez, ez dut behar. - Hotzaren hotzez hil nahi duk ala? - Gulbransen detektibeak. - Beno, ondo dago, jarriko dut. - Amarena egin beharra ere! Heldu ziren. Ezer gertatuko ez balitz legez, arrantzale jubilatuak txitxarro beltzen bat harrapatzeko garranga amuzkiarekin botata zuen, gorpua zegoen aldea ez besteko ur mantsoetan. Sinestezina zen hain denbora laburrean eta hain espazio txikian urak beste era batera agertzea. - Zer egiten duk hik hor arrantzan gorpua aldamenean izanda?, - Gulbrandsen detektibeak hain irudi harrigarria ikustean lekuz kanpo geratuta bota zion. - Zer egingo dut ba? - Itxaron! - Horixe nago egiten! - Ea, joan hadi portura, hantxe egingo diagu galdeketa eta. Han hemen baino hobeto egongo gaituk, ez duk? - Portuan zein aldetara? - Han ikusiko duk inspektorea. Gorpua mako batez baliaturik igo zuten ontzira. Gulbrandsenek berehala egin zion lehen azterketa, eta jarraian Haakonssoni, inspektoreari, deitu zion. Ez zegoen estaldurarik. Irratia hartu zuen. Irratiak ere ez zuen estaldurarik. –Nik estaldurarik ez, eta arrantzaleak bai, nola da hori? - Joan eta etorri ibiliko da eta! - kapitainak serio gorpuari begira. - Arrantzalea urrundu egingo zen, eta gero bueltatu –Waldemarek. - Bizkortu haiz, ala? –Dagny Gulbrandsenek, nolabait adarra jotzeko doinuarekin. - Bai. - Kapitaina, potineko irratia behar dut, utziko? - Hemen daukazu. - Har ezazu zuk, eta esango dizudan zenbakiarekin jar nazatela –goraki, Haakonsson inspektorearen telefono zenbakiak banan-banan esan zizkion. Nagusiarekin hitz egiteko beharra zuen. Komunikazioa jarri zenean kapitainak mikrofonoa luzatu zion. - Ebbe! - Bai. - Dagny naiz. - Esan. - Gorpua ontzira igo dugu eta horrantz goaz. - Kostatzen zaizue! - Aurrerapen gisa zerbait esango dizut. - Bota, ba! - Aurpegia urratuta dauka. Ematen du azazkalez egina dela. - Bon. - Beste gauza bat. - Zer? - Itxuraz, paparrean hiru tiro eman dizkiote. - Eraman kaira. Alfhild forentsea han izango duzu. - Dagoeneko horrantz goaz. Zu ez zaude hor? - Ez. Dagny, beste gauza bat. - Zer? - Kaira heltzen zaretenean, hartu hiru-lau eta zoaz Jannicke atxilotzera. - Zu non zaude ba? - Zuk egin agindu dizudana. - Ados, berorren aginduetara. Gulbrandsen detektibearen erantzunean nolabaiteko suminkortasuna susmatu zitekeen. Bi kasuek, baina batez ere azkenengoak, kontu handiz ibiltzea eskatzen zuten. Presiopean zegoela nabaritzen zitzaion, eta, ondorioz, estresaren zantzuak agertzen hasiak zitzaizkiola agerian uzten zuen. Horri guztiari lorik egin gabe zebilela gehituz gero, erraz uler zitekeen Haakonsson inspektoreari emandako erantzuna. Kaian, porlanaren gainean, gorpua ahoz gora ipini zuten. Aurpegiko ezker masailean zituen azazkal urratu nabarmenei begiratuz, Alfhild mediku forentseak kremailera beheraino eramanda kapusaia zabaldu zion. Gero kokots alderaino elastikoa igo zionean, afrikarraren gorpuaren paparrean hiru bala zulo nabarmen agertu ziren. - Nora Williamsi eraso ziona dela ematen du, ezta? - Hala ematen du. Zuok aurreikusi bezala datoz zantzuak, ezta? - Alfhild mediku forentseak kasuak nondik nora egiten zuen jakiteko interesaturik zegoela erakusten zuen. - Badirudi. - Besterik agertuko ote da? - Ebberen ustez hiruko talde ibiltaria da. Hala ere, hemengo norbaiten laguntza dutela ere agerikoa dela ematen du. - Beltzak? - Ziurrenik. - Ausartuko ote da hemengoen kontra egiten? - Ez dut uste. Baliteke oraindik euren beharra izatea. Horregatik, ez dugu uste ukituko dituenik. Nondik alde egingo du? Aireportua arriskutsua irudituko zaio? Hegazkinera igotzeko ate bat bakarrik du eta zainduta daukagu. Ez dugu uste aukera hori erabiliko duenik. Errepidea?, Itsasontzia? Zein aukeratuko zenuke, Alfhild? - Nik zer dakit ba? Bat esan beharko banu itsasontzia aukeratuko nuke. Era asko dago itsasontzi batera igotzeko: egunez, gauez, goizaldean, handik, hemendik, beste alde hartatik... finean edozein lekutatik, eta gainera ezkutatzeko aukera asko ematen ditu. Errepidea luze egiten da, eta gero ere, aurrerago diot, aireportua edo eta itsasontzia beharko luke. - Interpolekoek badaukate kasu honen berri. Horregatik, nik ere horren aldeko apustua egingo nuke. Bai, itsasontziz alde egin nahi izango du. Segur aski dena prest izango du. Orain, eguna eta ordua noiz helduko egongo da. Orduetako kontua izan daiteke. Enbarazu egin diezaiokeen guztia kenduko du gainetik. Ebberi esan behar diot. Ez dudana ulertzen zera da: zergatik ideia finko hori? Etxe horiarena esan nahi dut. Badakite erreta daukatela. Harrapaezina dela uste izango du? - Beharbada, baina nik zer dakit ba. Ni forentsea bakarrik naiz. - Euren lurraldean uki ezinak dira, baina hemen? Hemen handik oso urruti daude. Dena den, ideia bat baino ez da. Bere buruarekiko ziurtasun osoa izatea ez da apur bat arraroa? Bai, horrela izaten da. Denbora asko nahi den guztia egiten ematen denean, azkenean horrek ukiezina zarela pentsatzera zaramatza, eta orduan agertzen dira arazoak. - Hori horrela izaten da - Alfhild mediku forentseak gorpuari begira jarraitzen zuela baieztatu zion. Haakonsson inspektoreak etxe horira ematen zuen bidetik aurrera egin zuen fiordo alderantz. Basurdeak ehizatzen diren bezala zihoan; berari zegokion lekua hartzera. Hori zen agindua. Eurek arriskurik hartu gabe, beste hura baldin bazegoen, gordeta egon zitekeen ezkutalekutik ateratzea. Oinez errepidea amaitzen zen tokira heltzeko, hirurogei metro inguru egin zituen. Aiztoa nola, haizea hala zetorren azala moztera, telefonoaren tinbrea entzuteko galaraztera bezala. - Bai - inspektoreak bazekien nor zen. Bere gainekoa zen; kapitaina. - Haakonsson? - Bai. - Yngad naiz. - Zer berri? - Hori nik galdetu beharko nizuke. - Bai, horrela da. - Nire bulegora etorri behar duzu lehenbailehen. Agindu bat da. - Orain ezinezkoa zait - inspektoreak lehor erantzun zion- . Yngad, sarekada baten erdian harrapatu nauzu. Søndre Nordstrand auzoan gaude. - Sarekada ederra Agmundr epaileari egin diozuna! - Zertaz ari zara, Yngad? - Ez hadi inozoarena egiten hasi, Ebbe! - Ziur diotsut! - Ergeltzat nauzu, ala? - Ezetz ba! - Adarrik ez jo, gero! - Zeri buruz ari zara? - Komunikabide guztietan ari dira esaten Agmundren alaba dela Bihon Dahl irakaslea hil duena. - Nondik atera da berri hori? - Hori da nik galdetzen dizudana! - Yngad kapitainak, bortitz eta zeharo haserre. - Gure taldetik ez dut uste inork horrelakorik egin duenik. - Zu izan zara prentsari ezkutuan eman diona! - Ezetz ba –Haakonssonek, nolabait ezinezkoa zenarekin kapitaina konbentzitu nahian- . Eta Sikkerhetstjenestekoak izan badira, zer? –inspektoreak, ikuspuntua ezinbestean beste alde batera eramateko antsiarekin, era horretara kapitaina nahasiko zuelakoan. - Beno, ikusiko dugu kontu hau guztia zelan amaitzen den. Hamaiketan prentsaurrekoa. Ordu erdi lehenago zure bulegoan biok. Xehetasun guztiak behar ditut. Zure lana bakarrik ez, nirea ere kinka larrian dago. Presio itzela dago alde guztietan. Hobeto koordinatu behar dugu elkarrekin, Ebbe! - Bai, arrazoi osoa daukazu. - Noski, gizona! - Prentsaurrekoa non? - Zure bulegoa dagoen egoitzan. - Han izango gara taldeko guztiok. - Hori espero dut. - Gero arte. - Hamar eta erdietan bulegoan. - Adio. - Agur. Haakonssonek hazka eginez buruan, “aurreikusitakoa badabil bueltaka”, pentsatu zuen, kontu hura guztia alde batera uzteko. Une hartan ez zegoen inongo tuntunen kontuetarako, eta are gutxiago wasp batenetarako. Fiordotik harago enbata haserre eta amorruz beterik txistuka zetorren inspektorearen aurpegira. Bidearen amaierak plaza txiki biribilaren antzera egiten zuen automobilak bertan buelta emateko. “Gazteek larrua jotzeko leku ederra”, - burura etorri zitzaion, une oro batetik bestera begiak eramaten zituela. Inguru hartako lurra otadiak irabazia zuen, eta zail egiten zen urratu gabe urrats bat egitea. Ez zuen xendrarik ikusten. Nolanahi ere, otadiaren barrenak, han eta harago, fiordoaren edertasunaz gozatzeko esertzera gonbidatzen zuten belar uneak agertzen zituen. Inspektoreak ote landareak saihestuz egin zuen aurrera. Labarrera heldu zen. Garbi ikusiko zuen. Gizon bat. Bakarrik. Itsasoari so jesarrita zegoen. Malmoysund aldeko uharte txikietan zuen begirada jarrita, nondik laino zarratua goiko sabai beltzari laguntza ematera zetorren zeruan zirrikituak galaraziz. Behean, egurrezko txalupa batek negarrez egiten zuen zabuka, barruan gordetzen zuen gizonaren baitan etsipenik agertzen ez zuela. Marinel izukaitzak hangoak eta edonongoak. Goian, belartzan eserita, Malmoysund aldeko uharte txikietan begirada jarrita zuen gizonak arrantzaleek janzten duten kapusaia zuen soinean, txanoak burua estaltzen ziola. Haakonsson hurbildu zitzaion zerbait galdetzera. Ez zen burua hautsi beharrik izan galdera zein izan zitekeen jakiteko. – Aizu! - esateko aukera izan zuen soilik. Ezezagunak saihetsaldera okertu zuen gorputza. Supituan, harginak harri-blokean burdinaga nola, txistu batek airea hala apurtu zuen. Aireak ekarritako hots metalikoa bat-batekoa izan zen. Balek ateratzen duten frekuentziarekin batera etorri zen, eta jarraian zarata idorra. Inguruko sasitzatik txantxangorri talde bat ikaraturik airera hegan, noraezean. Haakonssoni bizi izandako amets bat zela iruditu zitzaion. Bernan zorriak antzeman zituen. Ez zuen arma hartzeko betarik izan. Lurrera erori zitzaion. Bernazakiaren kontratik eskuineko hankako bikian sartu zitzaion bala arrotza. Hasieran zorriak zirenak min izugarri bilakatu zitzaizkion. Gizon ezezaguna arrapaladan, oinak ziztu bizian altxatuz, oteak saihesteko jauziak eginez alde egiten ikusi zuen. Taldekoak zeuden alderantz zihoala konturaturik, irrati-telefonoa hartu zuen erne jar zitezen ohartarazteko. Ondoren, kirol-jertseko poltsikotik, lepoko zaurirako medikuak emandako potoa ahora hurbildu zuen kolpean lau pilula barrura sartzeko. Zutitzen ahalegindu zen. Ezezagunaren atzetik joan nahi zuen. Irrati-telefonoa esaldiak bata bestearen atzetik geratu gabe jaurtitzen hasi zen. Komisarioa otaditik ozta-ozta atera zen. Zaila egiten zitzaion bernen gainean zutik egotea. Errepidera heltzeko bi ordu behar izan zituela irudituko zitzaion. Handik etxe horirantz zuzendu zen. Apenas berrogeita hamar metro. Burdinazko xafla herdoilduz egindako estalpera heldu orduko etxe-osterako bidea hartuko zuen. Burmuinaren frekuentzia jaisten hasiko zitzaion, pentsamendua piztuta izatea kontu nekagarri egiten zitzaiola. Herrenka jarraitu zuen aurrera. Irratiak berdin jarraitzen zuen; esaldiak bota eta bota. Ez zen etxe-ostean geratu. Doi-doi egin zuen belarra zapalduta zegoen alderantz. Belarra eta abarrak, abar hezeak nahasian. Oinatzak lurrean. Minak ez zion pentsamendu bizkorrik izaten uzten. Ingurua oroitu bezala, baina gogoratzea zaila egiten zitzaion handik azkenengoz noiz ibilia izango zen. Xendrak ustez goibel-bidea erakusten zion. Harakoa gonbita zela iritzi zion. Gonbita agerikoa zen, itsasoan zilar-bideak erakusten duen bezalakoa. Labarrera heldu zenean, uretara heltzen zen oinbide estua lausoa egin zitzaion. Pertsona bat bakarrik hartzen zuen bidezidorrak hozkirria biltzen zuen bere baitan. Hiltzera kondenatuak izaten diren animalia zaurituak bezala zihoan bakardadearen bila. Handik ez hain urrunetik, airean bi hots idor penagarri. Hotsak berehala ezagutu zituen. Biek pistola berberak botatakoak ziruditen. Mendebaldetik heldu zitzaizkion. Bidezidorrak oraintsu ibiliaren urratsak gordetzen zituen. Garoak salatzen zuen. Haakonssonek atzera begiratu zuen. Odol tantak. Bereak. Beherago zulo bat zekusan, ez oso handia, marea gorak guztiz beteko zuena. Ez zen itsas gora. Behera zen. “Ezkutaleku interesgarria”, pentsatu zuen. Oroimena laino artetik heltzen zitzaion bitartean, garunak soilik bi hitz elkartzeko ahalmena eskaintzen zion. Segada egiteko aproposa. Zalantzaz irudikatu zuen segada. Ahalegindu zen. Ezin zuen. Beherago, uretan karelez kanpoko motordun txalupa. Berria ematen zuen. “Hona dator”, pentsatu zuen. Eskuineko hankako bikitik behera, odola hilobalaren antzera, alde hartako praka eta galtzerdia busti-busti ipintzeraino. Euria bortitz. Urrats bakoitzean gelditu behar. Nekea. Burutik aurpegian zehar euriaren ura barra-barra. Kobazulo txikira helduko zen. Barrura sartuko zen. Leku ilunera beste hots lehor bat doi-doi heltzen zela antzemango zuen. Euriz lagundutako haizeak ez zuen ondo entzuten uzten. “Basurdea bezala dator babes bila”, argitasun pitinarekin irudikatu zuen basurdea arineketan. Esertzeko gogoa; lurrera gorputza botatzekoa. Zutik geratu zen. Pistola astun sumatzen zuen, pisuaren pisuz eskuari lurrerantz egiten ziola pentsatuz. Pistolari begiratu zion. Arauzko pistola. Glock bederatzikoa. Safe Actiona begiratu zion. Kenduta zuen. Hirurak zituen kenduta. Tiro egiteko prest zeukan; katua sakatzea baino ez. Itzali zuen irrati-telefonoa. Itzali zuen telefonoa. Bazterrera egin zuen paretaren kontra bizkarra zapaltzeko. Iluntasunaren babesean ez zuen hezetasuna sentitu. Kanpotik, euri errezelaren beste aldetik, oin hots azkarra. Saltoka zetorren. Sartu zen barrura. Arrotza. Arrotza plastiko beltzaren bila. Segundo laurden bat. Haakonssonek arma destatuko zuen: - Tu fais le moindre mouvement, et je te descends du coup - ez zekien hain esaldi luzea botatzeko indarra nondik etorri zitzaion. Harrituta geratu zen. - Lève les mains. Je sais que tu attends une opportunité, mais ça ne va pas arriver, je t’assure! Agindu zion. Arrotzak tutik esan gabe altxatuko zituen eskuak, aukera txiki bat noiz helduko. - Ne bouge pas, ou je te tue sur place! Aginduari men eginez, estatua baten erara geratuta zegoen. Haakonsson atzetik hurbildu zitzaion, eta pistolaren kanoia kokotean barruraino sartu nahian, ahal izan zuen beste sakatu zion. Gizonak oraindik txanoa zuen burua estaliz. –Tu sais bien que j’ai hate de te tirer dessus, n’est- ce pas? - behin eta berriz errepikatu zion. Eskuburdinak jarri zizkion. - Et maintenant, fous le camp devant moi. Le moindre mouvement, et tu es homme mort, t’as bien compris? L’opportunité que tu attends, ne va jamais arriver, c’est clair? Arrotzak ez zion ezer erantzungo. Hotza eta euria letaginak erakutsiz eskutik zetozen haragia jatera. Haakonssonek enbatari oldar hortzak erakutsiz burua bueltatu zion. Mendekoak deitzeko irrati-telefonoa piztu bazuen ere, ez zuen horren beharrik izan. Bata bestearen atzetik laurak zetozen itxura batean ondo. Txanoarekin burua estaltzen zuen arrotzak laprast egin zuen. - Ea, lotu hau kordel batekin eta joan dadila gure aurretik, eta kontuz, aukera bat dago itxaroten eta! - Haakonssonek agindua eman zien. Taldekoek men egin zioten. Batek borrarekin arrotza buruan jo zuen. Gizonak ahotik aiene mingarria atera ahala eskuak igo nahi zituen hazka egiteko, baina atzealdean zituen eskuburdinekin lotuta. - Hi, neu ere horixe bera egiteko gogoa jaten nagok, baina gu ez gaituk horrelakoak! - batek. Beste batek: - Hi, kendu egiok txanoa. - Oraintxe. Arrotzarengandik hurbilen zegoenak txanoa kendu zion burutik. Pertsona zailduaren aurpegia agertu zen. Argala, indartsua, inteligentzia ahaltsua zuela ematen zuen. Begietan distira berezia zuen, zirt edo zart egiteko gai izaten diren horiek duten bezalakoa. Lauretatik bat Haakonssonen berna odoldurik zegoela ohartu zen. - Inspektore, jabetuta zaude berna odoletan duzula? - Bai! Ez naiz jabetuta egongo ba! Jabetuta, konturatuta, ohartuta, kargututa, erreparatuta, nabarituta, kontuan eroria eta kontzientzia izan ere bai. Sinonimo guztiak burutik hamazazpi mila aldiz igaro zaizkit, eta denak astiro-astiro gainera. - Egon apur baten. - Zer behar duk ba? - Zapi hau jarriko dizut hesgailu. - A, beno, horretarako baduk bai! - Odolari eutsiko dio. - Hobe horrela. Bai, baina, kontuz, ostia, bala barruan zeukeat, ostia! - Barkatu! - Barkatuta, bea, kontuz! - Honela utziko dizut, badaezpada ere. - Ondo. Haakonssonen telefonoa dar-dar jarri zen. Hartu zuen. Dagny Gulbrandsen detektibea zen. - Dagny, esan. - Non zaudete? - Etxe hori ondoko koba zulotik irteten. Uste dut talde burua harrapatu dugula. Zu non zaude? - Jannicke atxilotzera joan gara, baina ez zegoen etxean. Agmundr ere ez zegoen, eta Agatherekin hitz egin dut. Ez daki alaba non egon daitekeen. Agmundrek bilera omen duela dio. - Praktiketan dagoena ez da ateetan egon? - Waldemar? - Waldemar ez! Nola izango da Waldemar! Waldemar zurekin joan da! - A, bai, ze tuntuna! Uretara erori zaigu gainera! - Atzo goizean bidali digutena, nola du izena? - Bjorn. - Bai, Bjorn. - Ez. Han ez dugu inor ikusi. - Hara agindu dut, Jannickeren mugimenduak jarrai zitzan. Etxetik aterako balitz jarraitzeko agindu diot. Deitu eta galdetu non dagoen, Jannicke non dagoen berak jakin behar du eta. Bon. Jarri taldea martxan. Autobus geltokia, tren geltokia, aireportua, errepideak... jarri jendea dena zaintzen, eta dagoeneko bertan daudenei bidali Jannickeren erretratua. Hori egiten duzunean sartu nire bulegora eta zaindu Jannickeren txostena. Ez utzi inori, ez eta kapitainari ere. Galdetzen badizu esan ez dakizula. Nik daukadala esan. - Zenbat behar duzu hona etortzeko? - Ez dakit ba, lehenago ospitalera joan beharko nuke. - Zaurituta zaude, ala? - Bala bikian sartuta. - Berriro? - Bai, berriro, onegiak bihurtzen hasi ote garen nago pentsatzen. - Larria? - Bala bat soilik. - Ebakuntza lehenbailehen. - Ez. - Zelan ezetz? - Lehenengo kafea eta zerbait gozoa, akaso Geitost zati bat. Gero hesgailua, eta prentsaurrekoa amaitzen denean ospitalera. - Orduan hona zatoz? - Aker tabernan kafea. - Ados. - Oraintxe noa. - Dagny, beste gauza bat. - Zer? - Hamaiketan prentsaurrekoa. Egon behar duzu. - Kapitainak deitu dizu, ala? - Bai. - Ta? - Kontuak gero. - Prentsaurrekoa non? - Gure egoitzan. - Ondo. - Oraintxe egongo gara. - Bai. Gulbrandsen detektibeak, jarraian, bezperan taldera praktikak egitera etorri berria deituko zuen. - Bjorn? - Bai. - Dagny naiz. - A, Dagny, ez nuen zure telefonoa. Barkatu. - Aizu, Bjorn, inspektoreak esan dit Jannickeren mugimenduak jarraitzeko agindua eman dizula. - Bai, horrela da. - Jannickeren etxera joan gara, eta ez zaitugu han ikusi. - Ez, ez nago han. - Zergatik? - Jannicke ez dagoelako etxean. - Non dago Jannicke? Atxilotu behar dugu eta. - Autobus geltokira etorri da. - Bistan daukazu? - Bai. - Bera konturatu da zaintzen zaudela? - Ez dut uste. - Atxilotu ezazu. - Ezin dut. - Zergatik? - Praktiketan nagoelako. - A, egia da. Ez galdu bistatik, ados? - Bai. - Autobusen batera igotzen bada agindu gidariari ez mugitzeko. Oraintxe helduko gara. Ados? - Konforme. Dagny, Jannicke mugitzen ari da! - Jarraitu ezazu, baina ez dadila konturatu zaintzen zabiltzala. - Ados. - Ez moztu deia. - Ados. Aaa! - Bjorn! Bjorn! Bjorn, entzuten didazu? Zer gertatzen zaizu? Hor zaude? Gulbrandsen detektibeak irrati-telefonoa erabili zuen Jannicke atxilotzera zihoan taldea ohartarazteko. - Varg, entzuten didazu? - Bai, bota. - Bjorni zerbait gertatu zaio. - Zergatik diozu? - Norbaitek kolpatu du. - Zelan dakizu? - Zelan dakidan? Minaren doinu onomatopeikoa atera duelako ahotik, demontre! - Heltzear gaude. - Heltzerakoan eman denaren berri! - Ados. Detektibeak autobus geltokira anbulantzia bat bidal zezaten agindua emateko larrialdietara deituko zuen. Jarraian berriro deituko zuen nagusia, baina telefonoz egingo zuen. Haakonsson inspektorearekin hitz egiteko ez zuen irrati-telefonoa erabiltzen, ageriko kontuak ez baziren behintzat. - Bai? - Ebbe. - Esan, Dagny. - Bjorn autobus geltokian zegoen Jannickeri jarraitzen, eta norbaitek atzetik buruan kolpatu du. - Jannickek norbaiten laguntza du. Bulegora heltzen gaude. Erdu Aker tabernara eta ekarri Jannickeren txostena. Ezkutuan ekarri, arroparen azpian-edo. - Oraintxe noa. Haakonsson bulegoko ateetara heldu zenean berarekin joandako mendekoei aginduak ematen hasi zen. - Zuok biok eraman alproja hau ziegara eta ez galdu bistatik, eta, batez ere, ez kendu eskuburdinak. Dituen bezala eduki ditzala, aditu? Agindua da, aditu? - Bai. - Beste guztiok Dagnyrekin joango zarete. Bere aginduetara zaudete. Gulbrandsen detektibea une hartantxe heldu zen. - Ebbe, zutik egoteko moduan zaude? - Oraindik bai. - Gogorra zara gero! - Ez hainbeste. Dagny erdu taberna barrura. Txostena hor emango didazu, ez dut nola ematen didazun inork ikustea nahi eta. - Bai. - Zoaz horiekin guztiekin Jannickeren atzetik. Bjornen berririk? - Oraindik ez, Ebbe. - Bon, zoazte. - Izan irrati-telefonoa piztuta. - Horrela daukat. - Lehentxoago hitz egin dugunean eman dit itzalita zenuela. - Ez. Dena jarraitu dut. - Ez duzu tutik esan! - Isilik geratu naizelako. Haakonssonek Aker tabernan kafea eskatu zuen. - Egunon, Haakonsson –Aksel zerbitzaria hurbildu zitzaion. - Zelan, Aksel? - Ematen du zu baino hobeto nagoela. Zer ipiniko dizut? - Kafea, ebakia, eta hor ikusten dudan kaffebrod zati handi bat. - Oraintxe bertan, Ebbe. Besterik behar duzu? - Horrekin nahikoa, Aksel –zerbitzaria eskaria prestatzera zihoala berriro deitu zuen- . Aksel ekarri baso bete ur ere. - Oraintxe bertan! Irrati-telefonotik esaldiak bata bestearen atzetik heltzen hasi zirenean, Haakonssonek jaitsi zuen bolumena, oso ozen, tabernako guztiek entzuteko moduan baitzuen. Varg sarjentuak Dagnyri Bjornen berri ematen zion. - Baina, Varg, zelan dago Bjorn? - Ondo. Hezur okzipitalean hazka egiten dago. Odol apur bat du, baina ez dut uste larria denik. Erizainarekin dago. Konortea galdu du baina ondo dago. - Jannickek norantz egin duen? - Jannicke mugitzen ikusi duenean norbaitek atzetik buruan eman diola dio, eta konortea galdu duela. Hortik aurrera ez du ezer gogoratzen. Segundo batzuk izan direla dio. Nahikoa norantz egin duen ez jakiteko. - Varg, heldu gara. Oraintxe noa zu zauden lekura. Hor zaude. Ikusten zaitut. Has zaitezte jendea galdekatzen. Norbaitek ikusiko zuen, ba? - Ados. Haakonssonek erlojuari begiratu zionean hamarrak izango ziren. Ordu erdiren buruan kapitainarekin bildu beharko zuen. Bulegora sartu zenean erizainari eskatu zion zauria garbitzeko, eta ospitalera joan arte hesgailua jartzeko. Gero, bere burua garbitu nahiko zuen eta arropak aldatu, blai eginda baitzegoen. Azkar joan zitzaion denbora. Konturatu orduko hamar eta erdiak ziren. Bere bulegoko atea zabaldu zuenean kapitaina barruan zegoen, paretako organigramari begira. Egun ona eskainiz agurtu zuten elkar. - Egun on, kapitaina. - Baita zuri ere, Ebbe. Entzun dut berriro zauritu zaituztela? - Bai, horrela da. - Bala oraindik bikian? - Bai. - Ospitalera zuzenean! - Ez. Badut ordu erdi itxaroteko indarrik. Gero joango naiz. - Zeuk ikusiko duzu. - Zer kontu da hori, Agmundren alabarena? - Agmundren alaba eta Bihon Dahl irakaslea maitaleak izan ziren, eta erailketaren eragingarria jeloskortasuna dela uste dugu; badakizu, amodio beroetan sortu ohi den kontua; neurea zara, neurea bakarrik eta hortik datorrena, jabetzaren kontuak ekartzen duena. Badakizu, betikoa, neurea zarenez edozer gauza egin diezazuket! Horregatik, nire ondotik alde egin nahi baduzu, hil eta gero izango da. Genero- indarkeriaren barruan sartu beharko litzateke. - Emakumea emakumea hiltzen, lehen kasua munduan? - Ez dakit ba! - Eta zergatik ez diozu Bihon irakaslearen etxean lapurreta egin zuen beltzari errua bota? Ez duzu Agmundr epailea babestu nahi izan, ala? - Nik ez dut horrelakorik egiten. Ez naiz ni zin egindakoa hautsiko duena izango. Gogoratzen duzu kargua hartu genuenekoa? - Bai, gogoratzen dut, eta nik ere ez dut horrelakorik egiten, baina honelako kontu baten aurrean... - Ez dut salbuespenik egiten. - Baina ez duzu ikusten Agmundr zein garrantzitsua den? - Bai, badakit Agmundr zein indartsua den. Hala ere, nik ez dudala horrelakorik egingo diotsut. - Baina gezur txiki bat botatzea baino ez zen eta! - Bai, baina ez. - Helduko da eguna, zuk ere gauza handiagoaren alde egiteko txikiagoaren aurrean beste aldera begiratuko duzuna. - Baliteke, baina egun horri buruzko zalantzak ditut. - Agmundrek txikituko gaitu! Ate guztiak itxiko dizkigute, eta langabe amaituko dugu. Ez duzu ikusten, ala? - Ez dut uste ausartuko denik! - Ausartuko den ez, ausartuko diren, pluralean da kontua! Estruktura osoa dago atzean. Ateak, bentanak, leihoak, denak itxiko dizkigute, eta, ez hori bakarrik, lagunak ere galduko ditugu. - Ez dira ausartuko. - Ez direla ausartuko? Ez dituzu ezagutzen, ala? Zer kaka mokordo! - Eta zu ere ez zara ausartuko, Yndag! - Txikituko gaituzte! Zu, ni, Dagny, eta aurrean harrapatzen duten guztia! Alderdian epailearen kontra egon daitezkeen familiartekoekin egon beharko dut. Honetatik guztitik eurek aterako dira garaile eta. - Ez da ideia txarra. - Alabak alde egin duela, ezta? - Autobus geltokian norbaiten laguntza izan du eta, atzo praktiketara bidali diguten mutila, Bjorn, konorterik gabe utzi dute. Talde bi dabiltza Jannickeren atzetik. - Dagnyren aginduetara? - Bai. - Zer daukagu Bihon hil izanaz Jannicke akusatzeko? - Agmundren etxerako bideko zakarrontzi batean, plastikozko poltsan, kirol-jertse odolduan bilduta aizto odoldua zegoen. Odola Bihon Dahl irakaslearena da, eta aiztoan Jannickeren hatz-markak daude. Hatz-markak nabarmenak dira. Agerikoak dira. Inondik ere ezin da libratu. - Kirol-jertsea norena da? - Jannickerena. - Nola dakigu hori? - Jannickeren DNAz beterik dagoelako. - Nola jakin da Jannickeren DNA dela? - Hiru-lau galdera egitera joan ginen bere etxera. Bisita horretan Agmundr eta Agathe ere bazeuden. Jannickek sorbaldan ile bat zuen, eta kendu eta lurrera botatzeko aitzakiarekin poltsikoan gorde nuen. Hortik dakigu Jannickeren DNA dela. - Hori ezin da frogatzat erabili. - Egia da, baina DNA jakiteko baliagarria izan zaigu. Bide legalari jarraituta hartuko diogu DNA. - Txostenean Bihon irakaslearen hiltzailea ezkertia dela diozu; zelan dakigu Jannicke ezkertia dela? - Bisita horretan trikimailu zahar bat erabili nuen. - Zein? - Pilotarena. - A, bai. - Besterik? - Bai. Gaurko prentsaurrekoan Jannickeren kontua bakarrik azalduko dugu. Mary Nicizanyerena beste baterako utzi beharko da. Agmundrek kezkatzen nau. Baina honekin guztiarekin ez dauka irtenbiderik. Polizia baten kontra egin dute, eta gainera bere alabak alde egiteak ez dut uste lagunduko dionik. Bere karrera politikoak lurra jo du. Alderdi kontserbadorekoek bertan behera utziko dute, ez dute nahi izango kontu honetan nahastatzea. Dena den, ikusi beharko da gurekin zer egin nahi izango duten, zeren kontua ez baita Agmundr alde batera botatzea, Agmundren taldearen kontrako mugimendu bezala ulertuko dute; hau da, guk euren aurrean ez dugula men egin; horrela ulertuko dute, eta, hortik, egon ziur zerbait astuna etorriko zaigula. Dena den, zentzuz jokatu duzu, eta ikerketa horrela eramateak zure alde egingo du. - Badakizu gure jokamoldea zein den. - Mary Nicizanyeren kasua amaituta dago? - Atxilotu berri dugun afrikarra talde burua dela uste dugu. Uste dugu, halaber, talde hori osatzen zutenak hiru zirela. Atxilotu dugunak beste biak hil dituelakoan gaude. Laster hasiko gara galdeketa egiten, baina horren aurretik ospitalera joan beharko dut. - Ondo. Orain goazen prentsaurrekora. Laster amaituko dugu, ospitalera lehenbailehen joan zaitezen. - Bai, horrela egitea nahi dut. Egunean ehunka aldiz gertatzen zen bezala beste behin, Irrati-telefonoa deika hasi zen. - Haakonsson, hor zaude? - Bai. - Dagny naiz. - Esan, Dagny. - Semaforo batean harrapatu dugu. - Jannicke bera bakarrik? - Ez. Automobilean gidari bere adineko mutila. - Ekarri bulegora. Kapitainarekin nago hemen. - Oraintxe goaz. Haakonssonek bala kokatuta zuen aldean min itzela zuen. Apenas ordu bete lehenago hartutako lau pilulek ez zioten jada mina kentzen. Beste bi sartu zituen ahora, eta mahaiaren atzealdean zuen ur botilatik zurrutada bat edan zuen irensteko. Kanpoan denboralea oldartu zen une batez. hamar - Honi ez dago ezer ateratzeko erarik. Kolpeka handituta ere, ez diogu ezer aterako. - Utzi nire kontu, honekin hitz egingo du eta. - Zer da ba hori? - Zirkuluetan burundanga bezala ezagutzen bada ere, izatez eskapolamina da. - Eta zer egiten du horrek? - Haakonsson komisarioak Sikkerhetstjenesteko lagunari galdetu zion. - Oraintxe ikusiko duzu. Substantzia honek beste gauza on bat ere badauka; ikusiko duzue, guk hemendik alde egin orduko ez dela gertatu denaz ohartuko. Gainera, ez da inolako analisi farmakologikotan agertuko. Odolean, azazkaletan zein ilean ez du arrastorik uzten. Zentzumenak hutseratu egiten ditu. Hitz eginarazteko erabiltzen diren beste era batzuk badaude, ostiaka handitzea, egiaren injekzioak, bainuontzia, poltsa buruan, eta beste asko, baina horietarako prestatuta egon daiteke. Talde berezietakoak horrelakoei eusteko prestatuta egoten dira. Eskapolaminarekin ez dago horren arriskurik. Oso ona da. Berehala hitz egingo du, eta gainera ez du inolako markarik uzten. Ikusiko duzue. - Hilik agertu zen lehen beltzari analisietan aurkitu zioten, ba! - Bai, baina eskapolamina eman eta segundo gutxira hil zelako. Horregatik agertu zitzaion odolean. Bizirik jarraituz gero, arrastoak berehala desagertzen dira. Sikkerhetstjenesteko lau pertsona zeuden galdeketaren ardura hartuta, Haakonssonekin bideokonferentzia izandakoa, bere laguna, buru zela. Agindua goitik zetorren, eta inspektoreak ikusle bezala egoteko soilik zuen baimena. Sikkerhetstjenesteko gazteena zenak hurbilduko zion eskapolaminaz bustitako zapia sudur ondora. Hiru segundo pasa ondoren hasi zen galdeketa. - Zein da zure izena? - Hakizimana. - Abizena? - Anubatn. - Zenbat urte dituzu? - Hogeita bost. - Nongoa zara? - Burundikoa. - Zein arrazatakoa? - Hutua. - Non jaio zinen? - Buyumburan. - Aitaren izena? - Hakiziwana. - Amaren izena? - Eynawizi. - Abizena? - Anhziba. - Ama eta aita bizi zaizkizu? - Ez. - Nola hil ziren? - Zoritxarreko heriotza izan zuten. - Nola hil zen ama? - Aitak hil zuen. - Nola hil zen aita? - Neuk hil nuen. - Zenbat urte zenituen? - Hamabost. - Zertan lan egiten duzu? - Segurtasun-indarretakoa naiz. - Zein da zure aginte maila? - Lotinanta. - Hona etortzeko zein izan da zuon agindua? - Terrorista bat hiltzera bidali gaituzte. - Nor? - Mary Nicizanye. - Zergatik diozu Mary Nicizanye terrorista dela? - Gure gobernuaren kontrako herri antolaketan lan egiten duelako. - Baina Maryk norvegiar nazionalitatea dauka. - Europan bizi diren tutsiak antolatzen ibili izan da. - Mary Nicizanye hiltzeko agindua nork eman dizue? - Gure gobernuak. - Nola jakin duzue Mary Nicizanye tutsiak antolatzen ibili izan dela? - Ez dakit. Agindua goitik etorri zaigu. - Zenbat etorri zarete ekintza burutzera? - Hiru. - Non hil duzue Mary Nicizanye? - Søndre Nordstrandeko etxe batean. - Etxe horian? - Bai. - Eta gorpua zergatik eraman zenuten hiriaren beste aldean dagoen lubakira? - Lau haizetara zabaltzeko lubakiak esan nahi duena. Horixe gertatuko zaie gure kontra dabiltzan guztiei. - Zergatik hil duzue estokearekin? - Animaliak horrela hiltzen ditugulako. - Norvegiara nondik sartu zineten? - Portutik. - Nola heldu zineten portura? - Itsasontziz. - Zein itsasontzitan? - Kyram. - Bandera? - Panamakoa. - Non sartu zineten itsasontzira? - Kanaria Handian. - Zein egunetan heldu zineten Oslora? - Aurreko asteko asteartean. - Noren laguntza izan duzue hemen? - Lagun batena. - Zein da bere izena? - Icyn. - Abizena? - Ywzy. - Non bizi da? - Søndre Nordstrand auzoan. - Søndre Nordstrand handia da. Kalea eta zenbakia? - Ez dakit. - Nola jarri zineten berarekin harremanetan? - Telefonoz. - Zein da bere zenbakia? - Buruz ez dakit. - Non daukazu idatzita? - Telefonoan. - Non daukazu telefonoa? - Apurtu egin dut. - Emadazu sakelako telefonoaren zenbakia! Zezeldu gabe eman zion telefonoaren zenbakia. - Elementu horrek zertan lan egiten du? - Ez dakit. - Garaiera? - Nirea. - Ilea? - Nirea bezalakoa. - Begiak? - Nireak bezalakoak. - Sudurra? - Nirea bezalakoa. - Argala edo lodia? - Ni bezalakoa. - Zure bikia da, ala? - Ez. - Zure antza du orduan? - Bai. - Norvegiatik nola irtengo zara? - Etorri ginen bezala. - Itsasontzi berean? - Bai. - Itsasontzian harremana norekin duzue? - Kapitainarekin. - Kapitaina eta nor gehiago? - Berarekin soilik. - Itsasontziko zein aldetan etorri zarete? - Gela bat genuen geuretzako bakarrik. - Non daude beste biak? - Hil egin ditut. - Zergatik? - Aginduak. - Nork agindu dizu zure beste bi kideak hiltzeko? - Goikoak. - Zelan dauka izena goikoak? - Ydnurik. - Abizena? - Utnab. - Zein da bere aginte maila? - Lotinant koronela. - Noiztik ezagutzen duzu? - Militar-eskolatik. - Zenbat urterekin sartu zinen militar-eskolan? - Hamaseirekin. - Militar-eskolan zein zen Ydnurik Utnaben lana? - Espioitza irakaslea zen. - Orain ere ardura horretan dabil? - Ez. - Zertan dabil orain? - Esan dizut. - Zer esan didazu? - Mary hiltzeko agindua eman digula. - Zein egoitzatan lan egiten du? - Gobernu egoitzan. - Nork gehiago egiten du lan han? - Ez dakit. - Zergatik ez dakizu? - Gu ez gara hara sartzen. - Zenbat urtetan egon zinen militar-eskolan? - Bi urte. - Zein izan zen zure lehen lana? - Herrietara joan eta tutsiak hiltzea. - Zenbat denbora eman zenuen horretan? Haakonssonek Sikkerhetstjenesteko buruari irteteko esan zion. Bien bitartean, afrikarrari pentsatzeko betarik eman gabe, galdeketa egiten zegoenak automata bezala jarraitzen zuen itaunak bata bestearen atzetik botatzen. - Leif, nik nahikoa dut. Aitortu du berak hil dituela beste bi kideak. Aitortu du baita nola heldu diren, eta nola alde egin nahi zuen ere. Aitortu du eurek izan direla Mary Nicizanye hil dutenak. Eta aitortu du, halaber, laguntza eman dion hemengoak nolako itxura duen. Oraintxe aginduko diot marrazkigileari lanean hasteko. Gainera, bere telefono zenbakia eman du. Hodeian dituenak akaso ezin izango ditugu lortu, baina deirik egin izan badu jakingo dugu nori egin dizkion. Nik hemengoa amaitu dut, hemendik aurrera, dena zeuontzat. Txostena prestatuko dugu, eta jarraian fiskalari emango diogu. Laster da etortzeko eta jarraian zuongana aginduko dut. - Oso ondo, Ebbe. Guk atera diezaiokegun guztia ateratzeko geurean jarraitu beharko dugu. - Hori zuon kontua da. - Ez dakit hemen noiz arte egongo garen. Baliteke gaur bertan geure egoitzara eramatea. - Zuok ikusi –Haakonssonek. - Mila esker. - Horrela egin beharko. - Ondo. - Bai. Zerbait gehiago beharko bazenu badakizu nirekin harremanetan nola ipini zaitezkeen. Bulegoan ez banago badakizu nire telefono zenbakia zein den, ezta? - Bai. - Adio. - Agur. Aizu, Ebbe, beste gauza bat: baliteke laster elkar ikustea. - Zer ba? - Susmoa dut falta den hori harrapatzeko aginduak etorriko zaizkigula. - Bien bitartean beti bezala. - Ados. - Bon. - Bai. Haakonsson inspektorea sototik bere bulegora heldu zenean, berea zen besaulkian Gulbrandsen detektibea zegoen eserita. Bere horretan utzi zuen, eta mahaiaren aurrean zeudenetako batean eseri zen. Gulbrandsenek altxatzeko mugimendua egin zuenean, Haakonssonek ezetz esan zion, zegoen lekuan jarrai zezala. - Kaixo, Ebbe! - Zer berri? - Zientifikokoek zerbait bidali digute. - Zer da? - Hilik agertutako azken afrikarraren adn-a eta Nora Williamsek azazkaletan izandako azal hondarrena berdina dela. - Burundiko talde ibiltariaren hemengo laguntzailearen berririk? - Bai. Badakigu nor den eta non dabilen. Gizarte segurantzan ez da agertzen inongo lanetan dabilenik. Une honetan portuan dabil bueltaka, eta begira gaude ea norekin ipintzen den harremanetan. Nor den jakin dugunetik gabiltza bere atzetik, eta aurkitu dugunean autoz heldu da portura. Autoa ez dago bere izenean, emakume baten izenean du. - Emaztearen daturik? - Auzo aberatseko etxe batean lan egiten du. - Noren etxean? - Horretan gabiltza. - Emaztearen izen-abizenik? - Horretan gabiltza; dena den, laster jakingo dugu. Izan ere gizonaren izena eta abizena badakizkigu, eta egiazkoak dira, hemengo nazionalitatea dauka eta. Bestalde, egiaztatzen ari gara ea autoaren andrazko jabea eta beste hori pertsona bera diren. - Bon. Haakonssonen taldea betiko martxan zebilen. Orduak bakarrik beharko zituzten Burunditik etorritako hirukote ibiltariaren Osloko laguntzaileari jazarpen estua ipintzeko. Nondik norako mugimenduak zehatz-mehatz jarraituz zihoazen minutuak. Zaintza zorrotzean, segurtasun neurri guztiak hartuta, talde osoa zebilen. Afrikarra gaueko hamar eta erdietan helduko zelako alarma jo zen. Goizaldeko bostak arte ezin zuten ezer egin; hala eta guztiz ere, hamarreko taldea bertaratu zen, dena kontrolpean izatea nahi baitzuten, alegia, horixe izan zen hain garaiz bertaratzearen arrazoia, talde ibiltariaren laguntzaileari zegoen lekutik irteten ez uztea. Haakonsson inspektorea, Dagny Gulbrandsen detektibea eta Yndag kapitaina ere besteekin batera heldu ziren. Yndag kapitainaren aginduei jarraituta, etxearen ingurua hartzera binaka sakabanatu ziren. Beste hiru berdintsuri itsatsita zegoen etxea bost solairuko eraikina zen. Orotara eta angeluzuzena egitera, lau zenbaki ziren elkarri lotuta zeudenak, gainerako ingurukoetatik bakanduta. Itxura batean zaintzea erreza izango zela ematen bazuen ere, ezinezko zitzaien ziurtasun osoa izatea, ezen halako pertsona batek edozein gauza egiteko prestakuntza izan baitzezakeen. Erne egotea eta itxarotea horixe zen egin beharrekoa. Haakonsson automobilak utzi lekuan zegoen zutik, makuluak lagun zituela. Bakarrik zegoen, lepoa, erosoago egotearren, Tesla zaharraren kontra jarrita. Automobilen aldean, luzetara, porlanezko blokez eginiko hormak, fiordotik etor zitezkeen enbatak saihesteko izaten zenak inguruari babesa ematen zion, nahiz eta hormak inguruari errefuxiatuen esparru itxura ere ematen zion. Bat-batean, Haakonsson inspektorea adi geratu zen. Hesiaren bestaldetik zarata bat entzun zuen. Zarata leuna izan zen, norbaitek zapatarekin abarra hautsi izanaren antzerakoa. Hesiak beste aldean zegoena ikustea eragozten zion. Makulu bata autoaren kontra utzi ondoren, instintiboki egin zuen hesia amaitzen zen alderantz. Bidean arma esku batekin hartu zuen eta bestearekin kargatu. Bere onetik ateratzeko gutxi falta bazitzaion ere, ahalegindu zen atzamarrak lasaitzen. Ezin zuen. Pisu astunari eusten dion kablea baino tenkatuago zituela irudikatzen zuen. Hesia amaitzen zen lekura heltzear zegoen. Beste abar txiki bat hautsi zen norbaiten oinetan. Aurpegi bat soslai. Glock-az destatu zuen. Soslai agertua barreka hasi zen. - Baina, Ebbe, hori itxura hori! - Baina zer kaka mokordo, hilik amaitzea nahi duk, ala? - Lasai, Ebbe! - Zer lasai eta zer ostia! - Ez hindudan artegatu nahi, baina guztiz kontrakoa gertatu dek! - Hik ez dakik sarekada baten erdian eta gauez ezin dukeala horrelakorik egin? - Hik ezagutzen dituk gure mendietako azeriak? - Zer dakark, ostera? - Azeriek ez ditek zaratarik egiten. Egitekotan ere, harrapakina non zegon jakiteko izaten duk. - Usaimena nahiko ez, ala? - Haizea aurrez izatean atzekoa usaintzeko ez. - Zer egiten duk hemendik? - Badakik, esan nian, aginduak betetzen! Beste gauza bat; abar hautsiaren zarata nahita egin diagu. Ez duk kasualitatea izan. - Ni artegatzearren? - Bai, horrexetarako! Sikkerhetstjenesteko beste bi elementu zetozen atzetik. Haakonsson lasaitu zen. Aspaldiko ezaguna zuen Leif aurreratu zitzaion ondoan ipintzeraino. - Zer moduz Ebbe? - esan zion besoan eskuarekin fereka egiten ziola. Elkarrenganako estimu handiaren seinalea zen. - Hemen nagok makuluen laguntzarekin! - Ezin baja hartu? - Gurea odolean sartuta zagok! - Neuri ere gauza berdina gertatzen zaidak! - Askori! - Berriro elkartu gaituk! - Martxa honetan izatezko bikotea! - Hala ematen dik! - Ez ezak ezer esan, bazekiat! - Haakonssonek. Tesla zaharra zegoen lekura bueltatu zirenean Yndag kapitaina hurbildu zitzaien. Leifi begira hizketan hasi zitzaion. - Zer egiten duzue zuok hemen? Hau gure operazioa da! - Ez dut uste, Yndag kapitaina. - Zelan ezetz? - Operazio hau Sikkerhetstjenestekook gidatuko dugu. - Noren aginduarekin zatozte? - Barne Arazoetako Ministerioaren agindua da. - Bai, kakalardoaren adarrak! - Yndag kapitainak erabat mindurik bota zion- . Orain arte zergatik ez dit inork ezer esan? - Ez dakit, hori ez da nire kontua. Sobera ere badakizu gu biok gradu berekoak garela. - Jar nazazu zure arduradunarekin, agindu hau baieztatu nahi dut eta. - Ondo. Oraintxe ipiniko zaitut. Agindua goitik zetorren eta agindua zen. Leif ez zen atsekabetu. Ez zeukan horretarako arrazoirik. Jakinaren gainean zegoen Haakonssonen nagusia, Yndag kapitaina, nolakoa zen. Yndag kapitaina umore onean egonda ere, istant batean jar zitekeen haserre; histeriko jartzeraino hel zitekeen. Horretarako, nahikoa izaten zuen norbaitek huskeriaren batekin kontra egitea berehalakoan sutsu jartzeko. Hala ere, ez zituen haserrealdi luzeak izaten. Histeriara heltzen zen bezain erraz egiten zuen bere onera, eta barre algarak botatzeko gaitasuna agertzen zuen. Psikiatria kontuak. Kapitainak, ekarri zuen autoa bortitz gidatuz, ingurutik haserre bizian alde egin zuen. Haakonsson eta Leif elkarri begira eta mozolo aurpegia jarrita bakarrik geratu ziren. Leifek poltsikotik Marlboro paketea atera zuen, eta zigarro bat ahora eraman ondoren, piztu. - Hi, zertan ari haiz! Ezin duk zigarrorik piztu! Segadaren erdian gaudek, hi! - Arratoia habian zagok, eta irteteko etzeukak irtenbide bat baino. - Hala ere, ezin duk inguruan alarmarik jo. - Hemendik ez dituk etxeak ikusten. - Berdin duk. - Hi, ederra egin diok epaileari! - Nik? bere alaba izan duk. - Ezin begiratu beste aldera. - Nik ez diat horrelakorik egiten. - Nik neuk ere ez, baina askok bai. - Zin egin genian horrelakorik ez egiteko. - Hala duk bai. –Leifek zigarroari zupada ematen ziola. - Erratza erabili beharko diagu. - Nor ausartuko duk? - Denon artean egin beharko diagu. - Hi, beste gauza bat. - Zer? - Beltzak beste kontu bat ere aitortu dik. - Zein? - Bihon Dahl irakaslearen ordenagailua, eurek lapurtutakoa. - Non zagok? - Itsasoan. - Bon. Eraso-indarretako taldea furgoian bertaratu zen. Leif hurbildu zitzaien, eta Haakonssoni agur egin ostean, afrikarra zegoen etxerantz zuzenduko ziren. Goizaldeko bostak eta oraindik ilun. Hots metalikoa, idorra. Halako zarata Glock batek soilik atera zezakeen. Haakonsson zegoen ingurura beste bi hots lehor heldu ziren. Hotsa bestelakoa bazen ere, ezagun egin zitzaion. Halako hotsak ekar zezakeen ondorioa haragian pairatu zuen bi aldiz; 77B pistolarena bakarrik izan zitekeen. Segada etxetik Haakonssonen ingurura bere taldekoak heltzen hasi ziren. Lehenengo taldean Gulbrandsen detektibea heldu zen. - Hilik? - Ez. - Inor zauriturik? - Ez. - Icyn Ywzy? - Zaurituta baina bizirik. - Bon. - Ebbe, kapitaina ez dut ikusi, non den? - Alde egin du. - Zelan alde egin duela? - Sikkerhetstjenestekoen agintearekin haserre. Badakizu eguzkia ikustea gustatzen zaiola. - A! Hori da. - Horixe bakarrik. - Ospea eta aintza berarentzat soilik, eta horrela ez bada, haserre. - Betikoa. - Bai, betikoa. - Gerizpea egin diezadakeen guztia paretik kendu behar. - Bai, urrutitik hobeto ikusteko izaten da hori, ezta? - Horrexetarako, hain zuzen ere! - Merituetatik ezin denean, jendeak ondo ikusteko argazkian aurrean agertu behar. - Horrek daukan meritu bakarra bere amak hortxe ipiniarena da. - Besterik ez du ekarri, ez dauka eta. - Karrera egiten. - Bai, lana argazki bihurtu. - Banaka batzuek horrexetarako erabiltzen dute. - Tamalez! - Erratza? - Enurarik gabe. - Handia? - Antzina kortak garbitzeko erabiltzen zen txilarrezkoa. - Hobe horrela! - Zalantzarik? - Ez! Arratsaldeko seiak eta bost zirenenean, iluntzeari ezohiko susmoa hartzen zitzaion Oslo-Lufthavn aireportuan. Hegazkineko hirugarren ilaratik begi-bistan, erlantz gorrixka lagun zuen eguzkia azken hasperenean zihoan sartalderantz, istant batean itsaso zabalaren besoetara jausteko. Goian, zurixkekin nahasian, urdin-ilun, laranja, gris eta arrosa koloreko errezel difuso zapalak ipinita. Barrukoaren baitan sentimendu kontrajarriek indarrez elkar jotzen ziharduten; portu aldean zeuden zazpi balkoien gomuta haritz zaharraren desiraren kontra jaurtitzen zen bortizki errukirik gabe. Mwezi anderea eta Yamwezi Nicizanye mutikoa irribarrez. Nora Williamsek begiak batuko zituen motor burrunbatsuen goranzko indarrean. Arratsaldeko seiak eta bostean, iluntzeari ezohiko susmoa hartzen zitzaion Oslo baketsuan. Langelako mahaiaren ondora heldu zenean, Ebbe Haakonssonek makuluak jesarlekuaren aldamenean utzi zituen. Eseri zen. Ebakuntza egin ziotenetik ordu batzuk eskas igaroak ziren, eta medikuak emandako pilulen laguntzarekin nekez egiten zuen aurrera. Oroz gain, aurpegian nabaritzen zitzaion oporrak behar zituela. Sauna desiratzen zuen, eta igeri egitea. Horixe bakarrik. Ez zuen laket gogoratzea zaila egingo zitzaion ez zekien zein lekutara egun batzuetarako joatea. Haltzak erreka bazterrak ditu laket abestia gogora ekarri zuen. Mutiko batzuek abesten zutena zen; bere semea tartean. Lehen ahaleginetan ziharduten talde berriak gogoko zituen. Sineste kartsuz beteriko gazteak hain ziren indartsuak, borondate trinkodunak, ofizioa ikasten etorkizunez blai jantziak. Ustekabean, beste abesti bat etorri zitzaion hegan. Harrapatu zuen. Tabernari andrearekin izandako solasekoa zen. Berarekin egoteko desira sartu zitzaion; kafe bat eta berriketarako, jakina. Besteak, naufrago bakartiak bezala, sasoi hobea itxaron beharko zuen. Ez zuen uste adin kontua izan zitekeenik. Zer ziren hamar urte bizitzaren handitasunean. Tristeziak bere borondatearen kontra alkandora jarriko ziolakoan, bertakoen begiradei ez ikusiarena eginez kanpora atera zen. Eskailburuan aurre aldeko karrika aire artega eta astunez behatu zuen. Bi kasuei, bi bala madarikatuei, ebakuntzari eta mina kentzeko pilulei bota zien errua. Telefonoa piztu zuen. Hainbat dei erantzun gabe. Bere urtebetetzea zela otu zitzaion. Horregatik izango ziren hainbeste eske. Gerorako utzi zituen. Afaltzeko izokina gatzetan eta ardo zuriaren apetarekin zopatuko zen. Supituan portura joateko gogoa piztu zitzaion; kresala usaindu, arnasa sakon hartu, arrantzaleen artean galdu, eta gautxoriak entzun... Behingoz harantz zuzendu zen.
AURKIBIDEA TOM MUTIKOAREN BIHURRIKERIAK PINTAKETAN ZENBAIT EGINKIZUN DESBERDIN: BORROKALDIAK ETA MAITASUN BOLARAK IGANDE ESKOLAKO AZALDU NAHIAK KAKALARDOA ETA BERE HARRAPAKINA BECKY ETA TOMEK ELKAR IKUSI MANDOEULIAREKIN DENBORA PASA. MAITEMINDUAREN HITZAK ITSASLAPUR POSIBLE BAT TOM MUTIKOAREN BIHURRIKERIAK —Tom! Isiltasuna. —Tom! Inor ez. —Non demontre sartu ote da mutil hori? Tooom! Arrastorik ez. Etxe barru guztia begiratu zuen betaurreko azpitik. Batere makurtu gabe. Alferrik, ordea. Ez baitzegon han, bistan, behintzat. Non ote da arraio hori? dio bere golkorako, eta berriro miatzen ditu bazterrak. Ezetz ba, ez dagoela han. Zerbaiten azpian izkutatuta, beharbada? Beharbada. Altxatzen ditu gauzak; hau lehenengo, gero bestea. Alferrik izan zen. Eta horrela dio ahots altuan, etxeko mueble guztiak entzuteko moduan. —Ikusiko duk, arranopola, harrapatzen ba haut... Esaldia bukatu gabe sartu zuen erratza ohe azpian... Eta hara nondik zalaparta batetan esnatzen duen lo seko zegoen etxeko katu beltzaz. —Alferrik izango da. Ez da posible. Hurrena etxeko atarira abiatu zen, lorategiko lore, landare..., zer ez..., banan-banan pasaz. Ez zuen inon ere Tomen aztarrenik aurkitu. Urduri, deiadar jotzen du: —Tooooom! Orduan bertantxe, entzun zuen bere atzean, ez urruti, mutil erdi zarpail baten zarata. Eta... zas! heltzen dio zamarratik. Eta honela dio: —Gaizto, gaizto hori: zer egiten zenuen zuk, hor, despentsan? Esan. —Ezer ez!—Ezer ez! Ez, e? Eta esku horiek? Eta aho hori? Zer dira bada zikinkeria horiek? —Ez dakit, izeba. zaitudala. Eman iezadazu makila hori! Eta makilak ulu egin zuen airean. Zer egin? —O! izeba, begira ezazu atzera, azkar, zure bizkarrera! Eta izebak, xaloki, atzera begiratu zuen, bere gonak zerbaitetan erretzera balioaz bezala. Baina... arraioa! Han doa mutil hura tximista baino ere bizkorrago. Bota orain atzetik txakurra! zioen bere golkorako. Tximista bezala, galdu zen baratzeko makila tartetik, hormen atzetik. Polly izeba, tuntuna bera, irribarrez geratu zen: —Mutiko deabrua! Eta tuntuna galanta ni. Noiz ikasiko dut nik mutiko horren berri! Beti zerbait egin eta engainatzen nau. Zaharra izaki. Urte gehiegi gaizto horren pasara guztiak ikasteko. Gainera, egunero, zerbait berria bururatzen zaio. Erotuko naiz. Baina, ez da posible, gero harrapatzen badut, bigundu egiten naiz eta barkatu egiten diot. Eskutan dudanean, nahiko dut bere txantxa bat, edozein gauza, irribarrea sortzeko! Honela ezin dezaket nire iloba hezi. Ez dut nire eginkizuna behar bezala konplitzen. Gaur ematen ez dudan egurra, bihar bere kaltetarako izango du. Baina beste aldetik. Ai, zein biguna naizen. Izan ere, nire iloba da, nire ahizpa zenaren semea. Ez naiz gauza zigortzeko. Jotzen badut, penaz betetzen naiz, eta jotzen ez badut, berriz, barruan arrak ez nau bakean uzten. Badakit, gaur arratsaldean ez dela eskolara joango. Beraz, bihar lan egiten egon beharko du. Pena baita, ordea, larunbatetan eta beste mutil guztiak jai duten egunean, bera lanean egon beharra. Baina, beste aldetik, ez baitu lanik egin nahi! Egun hartan, noski, Tom ez zen eskolara joan. Ondo pasa zuen eta berandura arte ezin etxera itzuli. Han ari zen lanean Jim, mutil beltza, egurra moztu eta egurra moztu. Tom hasi zitzaion ba, egun hartako azio guztiak kontatzen, besteak ia lan guztia egiten zuen bitartean. Tomek bazuen anaia txiki bat, Sid izenekoa, anaia edo anai ordekoa. Berak berari zegozkion ezpalak bildu zituen. Lasaia zen mutil hau, ezta batere abenturazale horietakoa. Eta hara non ari zaigun Tom bedeinkatua afaltzen. Eta bere izeba Polly, galderak egin eta egin. Maliziazko aurpegia jarriaz, eztenez betetako galderak egiten zizkion. Berak, behintzat, bere inozokerian hala uste zuen. Ez zegoen inon bera bezainbatekorik, galdera diplomatiko eta erdi maltzurrak egiten. —Tom, ikus dezagun, ikus dezagun: E..., bero asko egiten zuen eskolan, ez da? —Bai, andrea, bai. —Bero, asko, ez da? —Bai, bai, bero asko. —Noski baietz. Eta... ez al zitzaizun dutxa on bat hartzeko gogorik sortu? Dutxatzeko gogorik, e...? Tom, susmotan jarri zen. Eta izeba Pollyri aurpegira begiratu zion. Ez zuen ezer nabaritu: —Ez, andrea, ez, bueno asko ez. Andre zaharrak, eskua luzatu zuen eta Tomen alkandora ukitu: —Orain, ordea, ez duzu bero askorik. Pozik zegoen, ze bere diplomazia (barregarria) hari esker, alkandora lehor lehorra nabaritu baitzuen. Horixe nahi zuen. Tomek ere igarri zion tranpari. Eta hurrengo jokoari aurrea hartu ere bai. —Gure arteko zenbait iturri pean ibili gara eta burua busti dugu. Nerea oraindik ere halaxe dago. Ez duzu ikusten, ala? Izeba Polly lotsatu ere egin zen. Halako gauza garrantzitsu batez ez baitzen ohartu. Eta berriro jarraitu zuen: –Tom, Tom... burua bustitzeko aitzakia horrekin, ez zenuen, noski, nik hain gogoz jositako alkandoraren lepoa aska- tuko, ez? Ia, ireki zamarra! Begiratu zion. Han ez zegoen berririk. Dena bere lekuan zegoen. Ondo josita. —Ai, bihurri-bihurri hori. Uste nuen, ba, nik, alkandora lepoarekin ere txirikorda bat egiteko gauza zinela. Baina, bai zera, ez da horrelakorik. Ez dakit, ez dakit, beharbada ez zara itxuraz azaltzen zaren bezain gaiztoa. Oraingoan behintzat, ez. Bazen han ordea beste mutiko bat, Sid izenekoa. Hala dio: —Baina, ea, ea, ez al zenuen, bada, zuk lepo hori hari txuriarekin josi. Izan ere, badirudi orain hari txuria beltz bihurtu dela. —Noski, hari txuriarekin josi nuela! Zergatik esaten duzu hori? Ene bada, ene bada, Tom...! Hori ere bai. Tom laster altxa zen eta ate ondora joan ere bai. Hala esan zion Sidneyri: —Sidney, hau ez diat ahaztuko. Alua! Handik ihes egin zuenean, Tom bere solapan zeuzkan bi orratzei begira egon zen. Bata ari txuriarekin, bestea, berriz, hari beltzarekin: —Arraioa, —dio bere buruarekiko—. Sidney isildu izan balitz, ez zen konturatu ere egingo. Nork daki nola asmatu, batzuetan izebak hari txuriarekin josten du eta bestetan, beltzarekin. Ezin dut beti asmatu. Baina, Sidney alua, hartuko dituk bizkarreko ederrak. Irakurleak pentsa dezakeenez, herri hartan Tomek nolabaiteko fama zuen. Ez oso ona, noski. Bazen herriko mutil onenaren fama zuen bat. Tomek ikaragarrizko gorrotoa zion. Gertatuak gerta, Tomek laster ahaztu zituen bere pena guztiak. Bi minututan. Berehala etorri zitzaion burura beste zerbait. Hain zuzen, duela gutxi gizon beltz batek txistu jotzen erakutsi zion. Ez nolanahi, ordea. Txoriek egiten duten modukoa. Mingaina ahosabaian ipiniaz txorrotxio isuri zoragarria egin zezakeen. Zerbait ikasi zion. Baina oraindik erdizka. Eta hasi zen bertan praktikatzen, hanka pauso lasaiak emanaz. Honelako zenbat ez dugu guk ere mutikotan egin? Saiatuaz, saiatuaz, gero eta hobekiago sortzen zitzaion. Hura poza, zerbait deskubritu zuela iruditzen zitzaion. Zerbait zela iruditzen zitzaion. Uda zen eta eguna luzea. Oraindik ilundu gabe. Ari zela, ari zela, halako batetan, norbait nabaritu zuen bere ondoan. Ezezagun bat. Ezezagun harrigarri bat. Kanpotarra izan behar zuen, ez baitzuen Tomek ezagutzen. Eta nola jantzita! Asteguna izanik, jantzi berri berriekin. Herri hartarako, San Peterburgorako, gauzarik harrigarriena. Asteguna eta arropa berriak! Baina, zein arropa berriak! Mirari bat. Jantzi elegantea, txaketa aire bikaineko, aurrean ondo lotua: lehenengo botoia ez, bigarrena bai, hirugarrena ez eta... Txaketa urdina, moda modakoa. Galtzak berdinak. Zapatak ere bazeramatzan. Eta ostirala zen. Zapata puntaluze horietakoak. Dantzari fin baten moduan. Eta gorbata ere bai. Buru gainean kapelu ireki bat, buruaren horni garri. Nor ote zen hura bada? Tom begira jarri zitzaion. Bera gero eta lotsatuago sentitzen zen. Bera trapu zahar haiekin eta ondoan halakoxe tipo bat. Ez zuen ez batak, ez besteak hitz erdirik esan. Batak pauso bat ematen bazuen, besteak beste bat emango zuen, baina zeharka, borobilean; bata besteari begira, begitara. Tomek esaten dio: —Nahi badut, zigor zaitzaket. —Bai ote? —Noski baietz. —Ezin dezakezu. —Horixe bai, baietz. —Ezetz. —Baietz. —Ezetz. —Baietz. Une larri bat igaro zen. Eta Tomek dio: —Nola duzu izena? —Eta zuri zer axola zaizu? —Asko. —Ez. —Isildu edo bizkarreko bat emango dizut. —Ia, hasi jotzen. —Isildu edo segituan hasiko naiz. —Ez naiz isilduko. Ikus dezagun. —Zein bizkorra zaren! Nahiko nuke esku bakarra zuri kristorenak emateko, nahiz eta beste eskua bizkarrean lotuta eduki. Nahikoa nuke gogoa izatea. —Bueno, eta zergatik ez dizu gogorik ematen? Nik bai egin dezakedala hori. —Ba, isiltzen ez bazara, segituan hasiko naiz. —Zenbat aldiz esan behar duzu? Hasi ba! —Zein bizkorra zaren! Zer uste duzu zarala zuk? Zein kapelu xelebrea ekarri diguzun! Ene! —Ukitu ezazu kapelu hori eta gogorrak hartuko duzu. —Faltsu bat zara. —Eta zu beste bat. —Zuk asko hitz egiten duzu baina ez duzu ezer egiten. —Alde hemendik, ospa hemendik! —Ez banauzu bakean uzten, harri batez burua irekiko dizut. —Horixe egingo duzula! Nola ez ba! Ai, zer beldurra ematen didazu! —Noski egingo dudala. —Horixe bai. —Laster gainera. —Zergatik esan eta ez duzu egiten? Ez zaralako ausartzen. Beldurti bat zaralako. Oilo bat! —Nik ez dut beldurrik. —Bai, baduzu beldurra, bai. —Ez. —Bai. Beste geldiune bat, zeharkako begiratu haserreak. Eta laster berriro Tomek esaten dio: —Alde hemendik, ospa hemendik. —Alde zuk!, txoroa. —Ez dut nahi. —Nik ere ez. Han jarraitu zuten, batak besteari bizkarrez bultzaka, ahal zuten haina bultzaka, inork ezer lortzen ez zuela. Biak nekatu ziren, eta amorrarazi eta berotu ere bai. —Oilo bat zara, koldar bat, titikume bat! Nere anai haundiari esango diot, berak behatz txikiarekin bakarrik birrinduko zaitu. Ikusiko duzu! —Ze inporta zait neri zure anaia haundi hori. Badut nik oraindik ere anaia haundiagoa. Hark zurea harrapatzen badu, horma horren gainetik lainotara botako du. (Irakurleak dakienez, bi anaia horiek irudipenezkoak ziren). —Hori gezurra da. Tomek eskuineko hankeko behatz lodiarekin marra bat egin zuen lurrean. Eta esaten dio besteari: —Ezetz marra hori ukitu! Ukitzen baduzu, ikaragarrizko bizkarrekoak emango dizkizut. Ea ausartzen zaren! Eta kanpotarrak erantzuten dio: —Nola ez ba? Ikus dezagun. —Ez nazazu amorrarazi, eta kontuz ibili zaitez! —Ez didazu esan, bada, astinduko nauzuela marra ukitzen badut? Zergatik ez nauzu, bada, jotzen? —Bi pezeta apustu astintzen zaitudala! Bota bi pezeta! Kanpotarrak irribarre maltzurrez: “Tok”, esanda bi pezetak mutur aurrera bota zizkion. Une bat geroago hasi zen borroka. Biek lurrean itzulipurdika bi katu balira bezala. Minutu batetan, egin zituzten, eginbehar guztiak: muturrekoak eman, ileetatik tira, harramazkak egin, zikindu, arropak desegin. Azkenean, norbaitek altxatzea lortu zuen, Tomek, eta garaile bezala, etsaiaren lepo gainean eseri zen. —Esazu, amore ematen duzula! Baina azpikoa ez zen errenditzen. Saiatu bai askatzeko handik. Amorrazioz negar egiten nuen. —Esazu: errenditzen zarala! Azkenik kanpotarrak: —Bai, amor ematen dut —erantzun zion—. Jarri zen zutik Tom harro-harro: —Orain ikasiko duzu hurrengorako. Orain ikasiko duzu zeinekin ari zinen, txoro aleena. Kanpotarrak negar zotinka aldegin zuen. Noizbehinka burua itzultzen zuen eta Tomi esaten zion: Ikusiko duzu hurrengoan, ikusiko duzu hurrengoan! Bai Tomek erantzun ere. —O... izeba, alde hortik apo ergel, txoro zirin! Kanpotarrak, une batetan, hartu harri bat eta Tomi bizkarreko galanta eman zion. Egin zueneko ekin zion korrikari. Tom atzetik joan zitzaion, etxera iritsi zen arte. Honela ikasi zuen Tomek non bizi zen bestea. Atean zain egon zitzaion. Ateratzen bazen ere astintzeko. Baina ez zen atera, bere ama baizik. Denetik deitu zion: gaizto, zikin, umegaldu, urde eta beste... Alde egiteko agindu zion. Beraz, irakurleak pentsa dezake Tom etxera itzuli zenerako oso berandu zela. Sartu zen bada etxera, isilik, baina han zegoen izeba zain. Mutilaren arropak. Eeene! Larunbatean etxean egon beharko zuen, bai, lanean! PINTAKETAN Egunsenti alai eta argitsua azaldu zen. Dena alaitasunez betea. Bihotzak pozik daudenean, ahoak ere pozik abesten du. Denak abesti bat zirudien goiz hartan. Hain ederra baitzen. Algarrobondoak loretan, eta bere usain gozoa nonahitik isuri misteriotsu bat bezala zabaltzen zelarik. Urrutiko belazeak belar berdez jantziak ikus zitezkeen. Maitasun, amets leku, eraginkorra zen guztia. Han azaldu zitzaigun Tom besotan kubo bat igeltsuz betea zuelarik. Batean kuboa eta bestean brotxa. Begiak eme. Bazuen nonbaitetik ordena gogorra. Han zeuden hesi guztiak pintatu behar zituen. Denak. Ez zen giro. Hogeita hamar metro luze bazituen hark. Luzean hainbeste eta metro bete garaieran. Arranopola! Hasi baino lehen desesperatu zen. Hartu zuen brotxa eta goiko oholean pasa zuen poliki; berriro ere gauza bera egin zuen. Margotu zuen pirrinta falta zitzaion guztiarekin konparatu zuen. Zeharo bihotzgabetua gelditurik. Infinitoa zirudien falta zitzaionak. Eseri zen egurrezko kajoian. Halako batetan latorrizko ontzi batekin azaltzen da. Herriko iturrira joan behar zuen ur bila. Ez zegoen hain urruti ere. Tomentzat beti lan hura gorrotagarri izan zen. Iturrira joan, han aurkitzen zuen jendearen zain egon, nahiz neska, nahiz mutil, txuri, beltz, erdi beltz. Egon kolan zain. Han biltzen baitziren herriko jende klase guztiak. Zarata galanta armatu ere bai. Iturria ez zegoen urruti, baina Jim joaten bazen ez zen, dudarik gabe, ordu betean ere itzuliko. Kontu esan beharra, farre egin beharra, denbora pasa. Bera ez zen horrelakoa. Ez zitzaion lan hura atsegin. Baina gaur... —Aizu Jim, zuk hesi hau zuritzen baduzu, nik neuk ekarriko dut iturritik ura, adierazi zion Tomek. Jimek ordea: —Ezin da hori, Tom. Etxekoandreak neu bidali nau ur bila. Eta ez gelditzeko inon eta inorekin agindu dit. Baita ere zera esan zidan: Tomek zuritzen gelditzeko eskatuko zidala baina ez kasurik egiteko. Ura ekartzeko bakarrik. —Arren, Jim, ez iezaiozu egin kasurik. Beti gauza berdinak esaten ditu horrek. Eman iezadazu ontzi hori, neu joango naiz ur bila eta. Bera ez da konturako. Minutu batean itzuliko naiz. —Ez naiz ausartzen, lagun. Etxekoandreak lepoa moztuko dit. Bai laster. —Berak! Ez du behin ere jotzen eta; titarearekin buruan jo besterik ez du egiten eta. Asko hitz egiten du, baina hortik aurrera, kaka. Jim, zerbait polita ere emango dizut nik. Kanika txuri bat emango dizut. Jim zalantzan jarri zen. —Kanika txuri bat Jim! Beti irabazten duen kanika txuri bat! —Bai, Tom, kanika txuri bat, kanika txuri bat. Oso polita da. Asko gustatzen zait. Baina beldurra dut, izugarrizko beldurra. —Zer beldurra gero, Jim. Horretaz gainera nire hankako zauria ere erakutsiko dizut. Jimek ezin izan zuen gehiago; tentazio gehiegia zen hura beretzat. Utzi zuen lurrean urontzia eta makurtu zen, Tomen zauria ikusteko. Ikaragarrizko interesarekin gainera, honek bendajea kentzen zuen bitartean. Handik piska batera, han zihoan Jim korrika batetan kalean behera, urontzia eskutan zuelarik. Buruan kaskarreko bikaina, belarrietan egundoko burrunda. Tom brotxarekin hesia margotzen. Eta bere ondoan izeba Polly, oraindik ere zapatilla eskutan zuelarik. Bere begiak irabazle bezala amenazoak irekiaz. Baina alferrik. Tomen indarrak haizeak eraman zituen laster asko. Segituan azalduko ziren bere lagunak hantxe. Eta farre egingo zioten lanean ikusten zutenean. Irakitan jarri zen. Atera zituen bere poltsikotik munduan zituen aberastasun guztiak: jostailu puskak, balak, edozer gauzaren hondarrak. Ezertarako ez. Haiekin ez zuen ordu erdi bateko askatasuna lortzeko haina. Beraz, berriro ere triste eta poliki sartu zituen poltsikora bere lardaskeria guztiak. Une ilun hartan bertan, halakoxe ideia haundi bat izan zuen. Berebiziko idea bat. Gero ikusiko dugu. Hartu zuen brotxa eta lanean hasi zen. Berehala azaldu zen Ben Rogers laguna. Lagun guztien artean haren isekaren eta burlaren beldur zen batik bat. Ba zetorren, bada, mutil hau, kaskarina, saltoka, antxintxika, pauso jauzika. Sagar bat zekarren eskutan. Koxkatxoak eginaz, noizean behin ulertzen ez zen moduko zerbait esanaz eta hurrena “ding-dong-dong”, “ding-dong-dong” egiten zuen, ahotsa beheratuaz. Itsasontzi bat zen irudimenez. Inguratu zenean ibilera mantsotu zuen, jo zuen eskuinaldera, poliki eta harro itsasontziaren itxura eginaz. Bera zen “Big Missouri” itsasontzia, hango kapitana, itsasontziko kanpaia eta abar... Berak ematen zituen barruan aginduak: —Alto! alto! Gelditu! Ding-ding-ding. Branka aurreratu zuen eta espaloira inguratu zen. —Atzera, orain! atzera! Ding-ding- ding. Bi besoak luzatu zituen. —Orain ezkerrera! Benga, ezkerrera! Ding-ding-ding! Txuuuu! Txu-txu- txuuuu! Txuuuu! Bitartean eskuineko besoarekin borobilean ekiten zion, elizea balitz bezala —Atzera! ezkerrera! Ding-ding-ding! Txu-txu-txuuu! Gero ezkerrarekin hasi zen borobilak egiten. —Geldi, eskuinera! Ding-ding-ding. Geldi, ezkerrera! Aurrera eskuinera! Jiratu kontuz Ding-ding-ding! Txu- txuuuuu! Azkar mutilak. Ia lotzeko soka hori. Zer egiten duzue? Heldu habeari. Geldi makinak! Ding-ding-ding! Txu- txu-txu! Hesiaren ondoan gelditu zen. Baina Tomek ez zion ezta kasurik ere egin. Eta Ben begira: —Ji, ji. Zu al zara itsasontzia lotzeko habea? Erantzunik ez. Tom bere lanari begira zegoen, bertan murgilduta bezala. Gero gain ingurutik ukitu finak emango balitu bezala, artista on bat bezala. Ben inguratu zitzaion. Sagarra ikustean Tomen ahoko txistuak ito zuen ia. Baina segi zuen aurrera. —Kaixo, lagun. Lanean ee? Eta halako batetan Tomek begiratu zion eta esan: —Aa! zu al zara? Ez zaitut ikusi ere egin.—Bueno, Tom!, ni igeri egitera noa. Etorri nahi al duzu? Ala lanean ari beharrean aurkitzen al zara? Beharbada bai, ez da? Tomek begiratu zion: —Lana? Lana? Zeri esaten diozu zuk lan egitea? —Zer ba? Ez al zara zu lanean ari? Tomek aurrera jarraitu zuen eta hala erantzuten dio arduragabe bezala: —Beharbada, beharbada. Beharbada ez! Ez dakit. Ni behintzat pozik ari naiz. Hori da guztia! —Ez didazu esango lan egitea atsegin zaizunik, ez da? Brotxak han ihardun zuen. —Atsegin? Eta zergatik ez? Egunero ez dugu gero izaten hesi bat pintatzeko aukerarik! Hitz hauen bidez, aldaketa latz bat gertatu zen. Benek atera zuen ezpainetatik sagarra. Ikustekoa zen Tom hantxe, brotxa eskutan, alde batetik bestera mugituaz, atzera itzuliaz bere lanaren itxura ikusteko, han-hemenka brotxaldi axalekoak emanaz, bere artista lana errematatu nahi balu bezala. Zer airea hartzen zuen behin eta berriro begiratuaz. Ben laguna begira zegoen. Harrituta. —Aizu, Tom, utz iezadazu piska bat margotzen. Tomek pentsatuta gero ia utzi zion, baina honela erantzuten dio: —Ez, ez, ez da posible, Ben. Izeba Pollyk ez du nahi inork kaleko hesi hau margotzerik. Orain, atzera begira dagoen hesi puska balitz, ez dut esaten baina, zati hau...? Ezta pentsatu ere. Kontuz egin beharreko lana baita. Ez dut uste, ez mila artean, beharbada, ezta bi mila pertsonen artean ere, haren gustura pinta dezakeen bat ere egongo denik. —Egiatan? Utz iezadazu frogatzen! Nik utziko nizuke zuri! —Pozik utziko nizuke, Ben! Baina izeba Polly... begira. —Benek lanean hasi nahi izan zuen, baina ez zion besteak utzi—. Arren, Ben. Ezin dizut utzi. Hasten zara pintaketan, eta gero zerbait gertatzen baldin bada? Orduan, zer? —Zaude lasai, mutil, zaude lasai. Ez da ezer gertatuko. Zuk hainbat arreta jarriko dut. Uzten ba didazu, sagarraren erdia emango dizut. —Bai, baina,... ez, ez. Orain ez. Beldur naiz. —Sagar osoa emango dizut, ba... Tomek, azkenean, brotxa eskura eman zion. Aurpegi kezkatiarekin, baina barrutik, pozez beteta. Hasi zen itsasontzi mutila pintatzen, Tomek atseden ederra hartzen zuen bitartean. Bere haginak sagar urtsu hartan inkatzen ziren bitartean, beste bihurrikeria nola egin pentsa hasi zen. Ez zuen denborarik alferrik galdu. Benek leher egin zuenean, Billy Fisher izeneko mutilari saldu zion lana, kometa baten truke. Hark ere amaitu zuen. Hurrena Johnny Miller izan zen lanaren erostuna arratoi hil baten truke... Eta abar, eta abar... Pentsa daiteke, Tomek egun hartan egin zuen negozio biribila. Patrikak leporaino beteta zeuzkan hondakinez; non azaltzen baitzitzaion hamabi kanika, musika tresna baten zatia, botila urdin baten muturra, kainaberaz egindako pistola bat, ezer irekitzen ez zuen giltza herdoildu bat, igeltsu puska, berunezko gudari bat, bi goxoki, ate baten kirtena, zakur goilarea, laban baten puska, laranja azal batzuk eta beste... Zer poza zeraman barruan! Ia uste gabe deskubrimendu ikaragarria egin zuen egun hartan. Hain zuzen, gizonaren aktibitatea eragiteko, gauza zail bezala azaltzea baino hobeagorik ez zegoela, alegia. Mutila, lan guztia eginda begiztatu zuenean, eta bere gauza eta ideiak ordenatuta gero, etxerantz abiatu zen. Bai pozik, irabazle bat bezala harro, ia kolperik jo gabe, lan guztia burututa. ZENBAIT EGINKIZUN DESBERDIN: BORROKALDIAK ETA MAITASUN BOLARAK Han joan zen ba, gure Tom, Izeba Pollyrengana, egunaren berri ematera. Izeba, gela atsegin batetan, leiho ondoan zegoen galtzerdi erdi orraztatua behatz puntetan zuela, orratza belaun gainean itsatsita, gona ilun eta gonapea ere azpitik zeriola, erdi lotan, buruarekin isipuka, loari eutsi ezinik. Udako eguraldi gozo hark, kanpoko belar lehorraren usain gozoak erdi lotaratua zuten. Katu beltza, han zegoen, lo sakon magalean. Betaurrekoak kopeta baino gorago, bada ezpada ere. Bazekien ziur, Tom gizagajoak ez zuela lanaren erdia ere egin. Baina, hara nondik nora lehen begiratu zionean, eta lanean ikusi, mirari bat zela hura iruditu zitzaion. —Izeba, —esaten dio Tomek—, joan al naiteke jolastera? —Ilobatxo, baina nola hain azkar? Lan asko egin al duzu, bada? —Guztia egin dut, izeba, guztia! —Baina, Tom, lan guztia egin duzula. Gezurtitxo! Zergatik esaten didazu gezurra. Badakizu haserretu egingo naizela zurekin. —Baietz, ba, izeba, baietz; dena egin dudala. Baina, nola sinistu zezakeen ba, izebak hura. Sekulan ez eta orduan bai? Laurdena egina baldin bazegoen ere, aski zitekeen. Joan zen, bada ikustera ze ez baizen sinestekoa Tomek zioena. Joan zen bada, eta ikusi ere bai. Haren harridura hesi guztia pintatua ikusi zuenean. Margotua eta... nola gero? Bi hiru aldiz, margotua, eta horrez gainera, lurrean halakoxe marra zuritxo bat, hesitik zentimetro batzuetara, kuadro batean lan guztia sartu izan nahi balu bezala. Zeharo harritua zegoen.—Ez nuen sinistuko ikusi ez banu. Argi dago, Tom: O, zuk nahi duzuenean, lana bikain egiten duzu. Baina, hau ere egia da. Zera: oso gutxitan proposatzen zarela lan bat ongi egitea. Ale, zoaz jolastera, baina badakizu, ez etorri gero astebete beranduago! Izebak begiratu zuen despentsan, eta ezker ona azaltze arren, han zegoen sagarrik ederren, urtsuen eta masail gorriena erregalatu zion. —Zoaz, bedeinkatu hori. Tom, saltoka, barruan kabitu ezinik irten zen. Etxean bazuen atzealdean eskailera bat, bigarren etxebizitzarako. Han zetorren Jim, patxada ederrean, etxerantz. Ikusi zuen hura Tomek, eta inguruan zeuden lokatz puska batzuk bota zizkion: di... da... Jim makurtu zen, amona ere inguratu zitzaion laguntzera. Baina, alferrik. Tomek botatako lokatz puskak Jimen matrail, matrail hezur, bizkarrak, denak harrapatu zituen, kupirarik gabe. Alferrik izan ziren bere negarrak. Tomek ez zion barkatu. Hurrengoan izan zezala kontu gehiago, ari beltza eta ari txuriaren historiarekin. Amonak deiadar egin zionerako, Tom, kalean zihoan ihesi, pozik eta bakean. Mendekatzeak bakea ematen baitzion. Behin ere atzera begiratu gabe, plaza aldera jo zuen. Han bi mutil talde zeuden, aurpegiz aurpegi, borroka egiteko prest, nonbait. Tom bera zen, talde baten buruzagi, eta Joe Harper (bere lagunik onena) bestekoa. Bi buruzagiek ez zuten borrokarik egiten. Hori gudarientzat uzten zuten. Maila baten gainean jarrita, handik zuzentzen zuten gudua oihu eginaz edo morroien bitartez. Benetan, borroka hartan eman eta hartutako, muturkara, bizkarreko, atzaparkada eta abarrak, ez ziren nolanahikoak izan. Bi jeneralak, lasai eserita, tontor gainean. Azkenean, borroka latz eta ikaragarria egin eta gero, Tomen mutilak irabazle geratu ziren. Kontatu zituzten hildakoak, zauritutakoak, presoak eta abar... Eta hurrengo batetarako berriro, bere borrokaren eguna, lekua eta zehaztasun guztiak ipini zituzten. Hori egin eta gero, Tom bere etxera itzuli zen. Etxerantz zihoala jauregi eder baten aurretik pasa zen. Hantxe ate aurrean, neska polit, lirain, begi urdin bat begiztatu zuen. Ule horia eta atzetik bi motots txirikordatuak zintzilika zituela. Une batetan, borrokaren harrokeria guztiak urtu zitzaizkion, neska hari begira asma zer esan ezinik jarri zitzaionean. Fletxazoa zerbaiti esatekotan, hari esan ziezaiokeen. Azukrea uretan baino arinago, ahitu zitzaion bihotzetik Amyren maitasuna. Hilabeteak kosta zitzaion neska baten interesa beragan ipintzeko, egin zituen bihurrikeria guztiak bereganatzeko eginda gero, ilegorri hark, kolpean barrutik ahaztu erazi zion aurreko neska. Zeharka-zeharka begiratzen zion. Neska ere, nola ez, konturatu zen mutil hura begira zeukala. Gero Tom hasi zen egundoko salto brinko, gauza arraro egiten, neska haren aurrean Kixote galanta bat bezala azaltzeko; baina salto eta eginkizun arriskutsuenetan zegoenean, neska etxera itzultzen zela konturatu zen. Tom lorategiko hesian kokatu zen. Ez ote zen, bada, neska ilegorria apurtxo bat gehiago geratuko berari begira? Neskak eskailerak igo zituen eta sarreran unetxo batetan geratu zen. Sartzen hasi zen. Mutila urduri eta era berean triste. Sartzerakoan, ordea, krabelin bat bota zion neskatxak urrutitik. Nahikoa izan zuen Tomek bere barrua sugarretan pizteko. Korrikatxo bat egin zuen, izkina zeharkatu arte. Loreari inguratu zitzaion. Hartu zuen lasto bat eta burua makurturik sudur gainean ipini zuen. Oreka gordetzen saiatzen zen bitartean, lorera hurbiltzen-hurbiltzen zihoan. Azkenik, hanketako behatzez hartu zuen lorea. Baina kontuz, txortena behatz lodi eta hurrengoaren artean sarturik. Gero, aurrera ekin zion, etxera, herrenka. Baina, ez asko, ze krabelina kutunki hartu eta txaketa sakelean sartu baitzuen. Bihotzaren ondoan, esan daiteke. Bihotzaren ondoan edo urdailaren ondoan. Hor nonbait. Ez zitzaion axolarik. Atzera hesi ondora itzuli zen. Ilegorria noiz azal zitekeen zain. Ez alferrik. Non ote zen? Ez ote zuen ikusten. Beharbada, ez zen ausartuko eta leiho pean, kortina atzetik berari begira egongo zen. Afaltzerakoan, pozik zegoen oso. Izeba ere harrituta: —Zer gertatu zaik gaur, mutil? —galdetzen zion izebak—. Erretolika ederra ere entzun zuen, Jimi botatako sokor haiek zirela eta azukrea harrapatzen ere saiatu zen. Izebak, ordea, behatz koxkatan zartakoa eman zion: —Izeba, ez duzu, bada, Jim jotzen, berak lapurtzen duenean. —Sid ez da zu bezain deabrua. Erne egongo ez banintz, ez zenuke azukre ontzitik hatzaparra kenduko. Orduan, Polly izeba, sukaldera itzuli zen. Jimek, harro-harro hartu zuen azukre ontzia, eta txuleatuaz, hatzaparrak sartu zituen. Bazirudien hori egiteko baimen guztiak zituela. Eta berak hartu berria zuen behatz koxketan galanta. Ezin zuen eraman. Eta isildu egin behar. Baina, arraioa! Jimen behatz tartetik irrist egin zuen azukreak eta lurra jo zuen dena txiki mila puska egiten zelarik! Hara! Hura zen miraria! Hura poza Tomek barruan sentitzen zuena. Ez zuen hitzik esan, ez aurpegiko espresioa aldatu ere. Laster etorriko zen izeba, galdetuko zuen nor izan zen, eta orduan jakingo zuen, “santu” hura, “santutxo” hura, ez zela ez hain zuzen, ez hain santu. Zerk sor ziezaiokeen atsegin haundiagorik? Eta hara... ba dator Polly zaharra. Beti bezala begiak betaurreko gainetik zituela. Han ikusten du azukre ontzia lurrean, dena puska-puska eginda. Botatzen ditu tximistak eta txingarrak bi begi sutuetatik. Inori ezer galdetu gabe jasotzen du eskua eta... danba ematen dio bizkarreko galanta Tomi. Lurrera botatzerainokoa. Baina, orduan Tomek.—Izeba zergatik jotzen nauzu, nor izan den jakin gabe? Zergatik? —Nor izan da, bada, zu ez bada? —Ni ez naiz izan, ni ez naiz izan, Sid izan da! Polly harrituta gelditu zen. Jimek hautsi ote zuen, bada? Baina ez zion zartakorik eman besteari bezala. Eta erantzuten dio: —Bai? bueno berdin da. Ziur baitakit, ni hemen ez nengoen momentutan beste okerkeriaren bat egingo zenuela. Baina izeba Polly ez zegoen pozik. Hanka sartu zuen. Ongi zekien. Askotan begiratu gabe astintzen zuen iloba. Orain bezala. Kontzientziak gaizki egin zuela esaten zion. Zer egin? Barkatzeko esan? Ezta pentsatu ere! Hori bigunkeria izango zen. Ez, eta ez. Tom txokoan zegoen, min eme gatuaren alakak boteaz. Bazekien izeba damutua zegoela. Baina berak ez zion begiratuko. Bazekien izebaren begi malkotuak sarritan harengana itzultzen zirela, ustekabean barkatzeko adierazi nahiaz bezala. Berak, ordea, ezta begiratu ere. Ez, eta ez. Ohe triste batean zegoela iruditzen zitzaion. Hilzorian. Eta bere ondoan izeba Polly, barkatzeko eta barkatzeko eskatuaz. Baina berak ez zion hitz hori esaten eta honela hiltzen zen. Ai! orduan, zer barru mina izango zuen bere izebak! Arrazoirik gabe jo zuen izebak! Orain ibaitik zekarten hilda, hilda bai. Izeba inguratzen zitzaion, eta berriro ere bizitzara itzultzeko eskatzen zion Jaungoikoari malko tartean. Baina ez zuen lortzen. Gehiago ez ziola ezer egingo esan arren, alferrik zen. Honela pentsatzen eta pentsatzen zegoela, azkenik ia egiak zirela ere amestu zuen. Begi biak ibai bihurtu zitzaizkion. Txistua tragatu behar zuen, ito nahi ez bazuen. Malkoak begi bietatik sudur puntaraino eta hemendik lurreraino zerizkion. Ez zuen poztasunik nahi. Tristura nahi zuen. Nahigabea desiratzen zuen. Horregatik, bere lehengusu Mary saltoka etxera sartu zenean, ezin izan zuen sufritu. Astebete pasa berria zuen kanpoan eta pozik zetorren bere etxera. Baina Tomek une hartan ez zuen horrelakorik onartu. Atera zen etxetik, eta ibai ertzeraino joan zen. Han ikus zitezkeen zenbait enbor, moztuak eta metatuak, noizbait norbaitek saltzeko. Hantxe etzan zen geldi-geldi. Hantxe ito nahi zuen. Ito! Izadia gorrotagarri iruditzen zitzaion. Zoritxarreko bat besterik ez zen. Baina instantean loreaz oroitu zen. Han zegoen poltsikoan, dena zimur eginda. Atera eta usaindu zuen. Neska ilegorria bururatu zitzaion. Hark beharbada, errukituko zuen! Beharbada bai! Beharbada, bi besoak lepotik estutuko zizkion malko lodi haiek lehortu arte. Ala ez ote zuen errukituko honela ikusita? Munduko beste guztiak bezain hotz sentituko ote zen bere minaren aurrean. Pentsamendu honek agonia bateko arnas estuak sorrarazten zizkion. Azkenik, intzirika altxa zen eta ilunpetan galdu zen. Bederatzi eta erdi hamarrak inguruan, bere Ezezagun Maitagarriaren etxe aldera inguratu zen. Han gelditu zen, nonbaitetik soinutxorik ere entzungo erne. Ezertxo ere ez. Bigarren etxabizitzako leiho parean kandelatxo bat zegoen piztuta. Han ote zegoen bere ilegorria? Saltatu zuen hesia eta leiho haren parean jarri zen; han egon zen begira bihotz ikaraz; gero lurrean etzan zen, ahoz gora, leihora begira, eta bi eskuak bularretan tolestatu zituen. Ukitu zuen lore ximurra. Horrelaxe hil nahi zukeen, bakarrik, hotzez, inoren errukirik gabe, mundu hotz batetan, lagunik gabe, mundu etsai batetan, inoren esku gozorik beregana hurbiltzen ikusi gabe, inoren eskutatik zapitxo bat ere lortu gabe bere heriotza izerdia lehortzeko. Honela ikusiko zuen egunsentian berak, hilda, hotza. Eta orduan... isuriko ote zuen malkorik? Malko bat bederen...? bizitza gazte hura, ederrenik ederrenean moztua, etena, hautsia, desegina, txikitua, zapaldua, oinperatua...? Ideia guzti haiek pasatzen ziren haren buru berotik. Baina, hara, leihoa ireki zen. Mantal zurizko norbaitek, komentario bat egin zion, eta loreak erregadiatu zituen. Gero, leihoa berriro itxi zen. Eta bera, han lurrean, etzanda, oraindik hil gabe. Ureztatzeko ur guztia gainera erori zitzaion. Otso zakurrak baino salto haundiagoa eman zuen. Hainbeste denbora han egon, eta gero... ura eta... ura. Eman zuen saltoa, pasa zuen hesia, hartu zuen harri bat eta bereziko ziztuan bidali zuen leihorantz. Gero entzun zitezkeen kristal hotsak, lorontzi gainetatik, bera etzanda egon zen lekuraino erortzen zirela. Sartu etxera eta oheratzeko prestatu zen. Begiratu zituen bere jantzi bustiak. Ez zen giro. Sid esnatu zen, begiratu zion Tomi, baina ez zion hitz erdi bat ere esan. Basati baten begirapen gaizkoa zerion Tomi. IGANDE ESKOLAKO AZALDU NAHIAK Eguzkia atera zen. Zein eguraldi ederra egun hartakoa. Herri baketsu hartan bazter guztiak pozten zihoazen. Gosaldu zuten eta gero gure izeba Polly, otoitzak zuzentzen hasi zitzaigun. Bibliako zita pila bat aitatzen zituen. Guzti hura, bere nortasunari zegokion katramilan orekatua. Zenbait kasutan ulertzen ere ez zen erraz. Gero Moisesen zita nagusi bat aitatu zuen. Tomek ez zuen beste erremediorik. Jokoan sartu beharra zegoen. Bakoitzak bere zatitxoa ikasi eta esan behar zuen. Jimek zuela egun batzuk ikasiak zituen. Berak ezertxo ere ez. Zer aukeratu ikasteko? Errazena eta motzena. Eta hara bada, aukeratu zuen. “Mendiko hitzaldia”. Haren zati bat. Alde batetik saiatu zen hura ikasten, baina bestetik, bere burua beste gauzetan jarrita bai zegoen, ez zuen behar bezain ondo ikasi. Maryk lagundu nahi izan zion: —Bai zoriontsuak, ee, ee, —Behartsuak... —Hori da, behartsuak. Bai zoriontsuak behartsuak... —Espirituz behartsuak... —Hori da: Bai zoriontsuak espirituz behartsuak... —Haiek, haiek... —Lortuko... —Haiek lortuko baitute... —Segi, lortuko baitute, zer? —Haiek lortuko baitute... —Haiek lortuko baitute zeruko erreinua. —Bai zoriontsuak espirituz behartsuak, haiek lortuko baitute zeruko erreinua. Bai zoriontsu, bai zoriontsu behar..., negar... —Goazen, Tom, ez duzu ezer ikasten. Bai zoriontsu behartsuak, segi, segi... —Ezin naiz oroitu Mary, ez zait buruan sartzen. —Saiatu zaitez, saiatu zaitez, ikasi eta nik..., oparitxo polit bat emango dizut —esan zion Maryk—. Mutil onak ikasi egin behar baitute. —Ikasiko dut, ba. Ikasiko dut. Baina, Mary, esaidazu zer erregalatuko didazu ikasten badut. —Gauza polit bat! —Baina, zer gauza? —Egon lasai Tom, badakizu nik esaten dudana bete egiten dudala. Eta hara non ikusten dugun Tom, dena buru belarri, ikasi eta ikasi. Jo ta ke... Eta saiatu bazen, ikasi ere egin zuen. Maryk galdetu zionean dena buruz erantzun zion. Honek orduan, mendiko laban haundi bat erregalatu zion: Barlow bat. Ez zuen ezer mozten, baina itxuraz oso bikaina zen, gerrian mendirako eramaten diren horietakoa. Mutilaren poza. Gorputz guztiak pozez dardara zegion. Tomek hartu zuen eskuetan eta berehala hasi zen zerbitzua ematen. Hain zuzen, ate bati koska bat egiten ari zen. Baina elizarako garaia zen laster eta Maryk xaboia eta bal dekada bat ur eman zion eskuak eta musua garbi zitzan. Ez zuen uretan bustitzeko gogorik, eta ur guztia pixkana-pixkana, ezer garbitu gabe lurrera isuri zuen. Itzuli zen barrura eta bete betean toallarekin lehortzen hasi zen. Mary ordea, ez baitzen hain tuntuna, esaten dio: —Bueno, Tom, e, adarra jotzen ez hasi hemen... e? Urak ez dizu kalterik egingo. Bete zion berriro balde kara. Tom berari begira gelditu zen. Gogoa behar zuen uretan bustitzeko. Azkenean begiak itxi eta han hasi zen jo ta ke, aurpegira baino ur gehiago lurrera isurtzen zuela. Baina, nolabait garbitu zen behintzat. Hori zen garrantzitsua. Pozik zegoen Mary, eta bere ile kizkurra orraztu zion. Gozo-gozo eta pozik. Atera zizkion jantzi berriak. Tomek gogo txarrez, baina jantzi zituen haiek. Baina jantzi berriekin erdi marikoitzat hartzen zuen bere burua. Emakeriak iruditzen zitzaizkion. Baina denak estutu eta denak nekarazi egiten zuen. Honek han estutzen ziolako, hark han beroa ematen ziolako. Haiek jantzita ere... Jantzi zituen behintzat. Mary zapatetaz ahaztuko ote zen esperantza zuen. Baina Maryri ez zitzaion ezer ahaztu. Kexatu zen Tom: —Beti nik nahi ez dudana egitera behartzen nauzue, beti nire gogoaren kontra ari zarete. —Bueno Tom —esaten dio Maryk— ez zaitez ergela izan. Izan zintzoa. Eta besterik gabe abiatu ziren elizarantz. Irakurleak pentsa dezakeenez, Tomi elizara joatea ez zitzaion batere atsegin. Aspertu eta nazkatu egiten zen. Hasieran eskola izan ohi zen, ordu eta erdikoa gutxi gora behera. Elizako gauzak ikasi behar ziren. Normalki Bibliaren zatiren bat. Gero elizkizuna izaten zen. Eliza txikia zen, baina nahiko egokia. Hirurehunen bat pertsonentzat prestatua. Elizara sartu baino lehen Tomek lagun bat begiztatu zuen: —Egun on, Billy, ba al duzu txartel horirik? —Zer emango didazu trukean? —Goxokia eta garranga bat. —Ea erakutsi. Tomek erakutsi zizkion. Bestea ados geratu zen. Gero bi kanika aldatu zituen beste bi txartel urdinengatik. Edozein zetorrelarik ere, denekin txartelak gauzengatik trukatzen egon zen ordu laurden bat gutxienez. Azkenean kuadrilla batekin sartu zen eliz barrura. Denak zarata batean. Eseri baino lehen ondoan zegoenarekin borroka egin zuen. Irakaslea haserretu zitzaien. Irakasleak atzera begira bezain pronto beste bati iletik tiratu zion. Hura atzera begira jarri zen. Irakasleari beste erretolika botatzeko denborarik eman gabe, eskuinean zegoenari orratz bat sartu zion besotik “ai” mingarria egin eraziaz. Tomen lagun guztiak berdinak ziren: lotsagabe samarrak, zaratatsuak, aztora zaleak, erreminta galantak. Bibliako bertso batzuk ikasi behar zituzten. Baina haiei tokatu zitzaienean, batek ere ez zekizkien bertso haiek ondo. Baina, ordua ere iritsi zen, eta guztiek, bere ahaleginaren sari bezala txartel urdin bana hartu zuten. Bi bertso buruz ikasi zituztela adierazten zuen txartelak. Hamar txartel urdin, gorri bat bezala ziren, eta trukatu zitezkeen. Hamar gorri hori bat bezala, eta hamar hori osatzen zituenak, Biblia berri-berri bat hartzen zuen sari bezala. Pentsa dezakegunez, Biblia bat irabaztea, sari haunditzat jotzen zen. Bi mila bertso buruz ikasi zituela esan nahi zuen. Beraz, asko. Maryk, dagoeneko bi Biblia irabaziak zituen. Pentsa hortik zein saiatua zen. Bazegoen beste mutil alemaniar bat, hiruzpalau aldiz Biblia eskuratu zuena. Beraz, hura zen hango ikaslerik bizkorrena eta burutsuena. Behin, gelditu gabe bota omen zituen 3 mila bertso segidan. Gero ordea, beharbada, gehiegikeria haiengatik, burutik egin zen. Hura galera haundia zen eskola harentzat, ze egun nagusietan haren jakitatea oso beharrezkoa izaten baitzen. Halakoxe sari haundi bat eskuratzeko gogoa etorri zitzaion Tomi. Baina, nola ordea? Ez baitzuen bi lerroko ezer segidan ikasten. Eta gainera, Bibliako bertso eta gauza haiek, txorakeriak iruditzen zitzaizkion. Ikasi ez zuen egingo, baina, hala eta guztiz ere eskuratu behar zuela saria erabaki zuen. Igo zen, ba da, apaiza pulpitura eskutan liburu bat zuela. Gizon argala zen, hogeita hamabosten bat urtekoa gutxi gora behera. Lepoan lepoko zuri eta trinko bat zeraman ia kokotzeraino igotzen zitzaiolarik. Aurrera begira egon beharrean aurkitzen zen tresna haren bitartez. Aldetara begiratu nahi bazuen, gorputz guztia mugitu behar zuen. Erdi erdian korbata txukun eta zabal bat. Itxura atsegineko gizona zen. Ahotsa elizkizunetan uste gabe aldatu egiten zitzaion, halako inportante airea hartzen zuelarik. Eta hasi zen: —Orain, haurrak, geldi geldirik egotea nahi nuke. Ahal duzuela mugitu gabe. Horrelaxe, horrelaxe! Minutu pare bat besterik ez. Ia hor txokoko neska txiki horri. Kanpora begira dago, kanpora begira...Ez baitnago ni kanpoan zuhaitz baten gainean, hemen baitnago, hemen barruan. Zera esan nahi dizuet: bai poz haundia gurea, halako aurpegi garbi eta bekaturik gabekoa aurrean ikusita. Poz ikaragarria da guretzat. Txintxoak izaten ikasi behar baita. Zergatik sermoi guztia hemen ipini? Alferrikako lana izango litzateke. Gainera, beti gauza berdinak entzuten ohituak zeuden, eta hura ere errepika huts bat besterik ez zen. Baina, haur haiek, horrelako matrakaldi aspergarri batean, laster hasten ziren mugitzen. Ipurdi osinak azkar hazten zituen apaiz haren sermoiak. Baita Sid eta Maryren azpian ere. Baina Walters izeneko apaizak bere sermoia bukatu zuenean, dena isil isilik geratu zen. Umeen aurpegian halakoxe poz eta deskantsua nabari zitekeen. Isildu zen zintzarri hura. Azkenean! Egun hartako gauzarik garrantzitsuena bisita bat izan zen. Iritsi berria zengizon bat, batzuek ziotenez “kategoria” haundiko gizon erdi zahar bat. Ondoan andre bat zeraman, ziur asko bere emaztea. Eta emakumearen eskutik haurtxo bat. Tom ez zegoen pozik. Haserretua sentitzen zen. Hamaika aldiz begiratu zion maitekor bere neska txikiak, Amy Lawrencek. Bera berriz, garraztua. Zer pasa zitzaion, bada? Ahaztua baitzuen hura, beste neska ilegorri hura ikusi zuenetik. Non ote zen hura? Anda, joño, hantxe zegoen eta. Orduantxe ikusi berria zuen. Baita neskak mutila ere. Tom, instantean poztu zen. Eta bere betiko harroxko ohiturari jarraituaz, hasi zen xelebrekeria guztiak batera egiten. Salto, antxintxika, lagunak zirikatzen, irri faltsu arretatsuak egiten. Han zegoen bera, han... dena zezakeena. Itsas olatuak baino burrundara haundiagoan pasa zitzaizkion poz olatuak bere bihotz barrutik. Bisitariak aulki nagusietan ipini zituzten. Zer eta, gero konterriko jaun garrantzitsuena zela sona zabaldu zen. Aurpegi argal eta kartoizko azala zuela zirudien. Haurrak noiz hark hitz egingo zain zeuden. Alde batetik zain, bestetik beldurrez. Asko zekien gizona zen hura, Konterriko Juez jauna. Zenbat eta zenbat gauza ikusitakoa ote zen. Thatcher izena zuen herri hartako legegizonaren anaia. Anaia inguratu zitzaion. Denak urduri. Haien mugimendu guztiak interpretatzen. Une larriak, eskua luzatu zion batek eta besteak estutu. Gauza horiek oso garrantzizkoak baitziren. Kaka zaharra baina... Sona beti da gauza haundia. Eta... denak zain zer egingo haiek. Belarrira zerbait esan zioten elkarri. Zer esan ote zuten. Munduko gauza garrantzitsuena, dudarik gabe. —Begira, Jim, begira. Eskua ematera doaz... begira ongi. Eman diote elkarri eskua. Zer eta eskua... Hitz egiten egon dira... Hitz egiten! Apaiz jauna ere hasi zen, ager nahia azaltzen. Hona begiratu, aginduak eman, komentario irribarretsuak egin. Liburu zaindaria ere berdin. Hartu zeuden liburu potzoloenak, eta beharrik gabeko pausotxoak eta nabarmenkeriak egiten hasi zitzaigun. Andereño irakasleak ere, nola ez, kolpean dena irribarre eta sentibera bihurtu ziren. Bere lepo mehe eta txuriak umeengan “aitakeria” edo “amakeria” hutsez, makurtzen zituzten. Belarrondoko bigun eta maitekorrak emanaz. Alua. Guztia itxura besterik ez, baina... Gizon irakasleek ere antzeko zerbait egiten zuten. Han zeudela azaltzen zuten, makurtu bezain laster, zutituaz, oilar gandorra nondik azalduko erakutsiaz. Dena umeekiko atentzio eta interes latz... Neska txikiek ere bere numerotxoak egiten zituzten. Eta mutilek, nola ez, eseri bezain azkar zutituaz eta abar, behin eta berriro irakasleen errita atseginak algara tartean onartzen zituzten. Eta guztien gainetik, aulki nagusian eserita, gizon hura, gizon garrantzitsua, nola edo hala, argi oilarkeriatan, garrantzizko begirada pausatu eta sosegatuetan, bere dirdira ikaragarriz harrituta. Eta hura ere “handinahi” eta agernahi berdinean. Gauza bat falta zen, festa hura paregabe bihurtzeko. Norbait balego Biblia irabazi zuena. Baina, bai zera, Walters apaiza saiatu zen ezker eskuin bere ikasleekin. Alferrik. Inork ez zituen eskutan Biblia eskuratzeko hainbat txartel. Hura izango zen gaur beretzat pozaren txapel ederrena. Gaurkoz etsi beharra zegoen. Baina, halako batetan, hara nondik inguratzen den Tom Sawyer apaizarengana, egundoko txartel pila eskutan zuelarik: bederatzi txartel hori, bederatzi gorri eta hamar urdin. Apaiz jaunak ezin zuen hura sinistu ere. Nor eta Tom izan ote zitekeen hainbeste ikasitako mutila. Ez zuen uste. Baina, hara, ez zegoen zer eztabaidatzeik. Agiriak agiri ziren. Eta, nola ez, merezi zuen hark ere Biblia bat. Jendea harritua zegoen. Tom, Tom, zioten bere lagun guztiek. Baina, haiek ere enbidia sentitzen zuten bere barruan, enbidia latza. Guztiek nahi baitzuten horrelako goratzarrea. Baina, alferrik, ia berandu zen. Zerri hura bizkorra izaki! Eta berek lagundu ziotela hura lortzen pentsatzea ere. Berak bai, margoketan irabazitako txutxeria haien truke! Orain alferrik zen damutzea! Tom berak ere sinistu egin zuen pertsonaia inportante bihurtu zela. Han, orain, bi ziren inportanteak, eta zein baino zein gehiago: bata, Juez jauna, eta bestea bera! Bera, bai, bera! Eman zioten saria Tomi. Biblia eder bat. Baina, apaizaren barrua ez zegoen ez lasai, ezta konbentzitua ere. Mutil hark bi mila bertso buruz ikasi zituela pentsatzea ere! Utikan, ezin zitekeen! Dozena batekin ere haren buruko gelak ondo, ondoegi bete zitezkeen eta... Amy Lawrence neskatxa ere han zegoen. Pozik eta harro. Tomi begira. Honi begiratu erazi egin zion. Honek ez zion jaramonik egin. Amy susmotan jarri ere bai. Nolaz gero halako mespretxua. Gero Tom beste norabait begira ikusi zuen. Ilegorriari begira, irribarrez. Amyren begiak malko lodiz bete ziren. Amorru ikaragarria sentitzen zuen, haserre galanta ere bai, mundu guztia gorrotarazi arterainokoa! Eta batik bat, Tom. Tom Juez jaunaren aurrera eraman zuten. Juezak eskua eman zion. Tomen bihotzak taupada biziak, ia entzute modukoak ematen zituen. Alde batetik gizon haren garrantzia gogoan zuelako, baina bestetik, bere “ilegorri ezezagunaren” aita zelako. Tomek pozik emango zizkion mila musu oinetan, gurtuko zuen Jainkoa bezala. Juez jaunak Tomen buru gainean ipini zuen eskua eta: “Mutil ederra” deitu zion. Eta gero: —Nola da zure izena? —Tom. —Tom? Bueno, Tom! Tomas izango da. —Bueno, hori da, Tomas. —Baina esango nuke oraindik ere baduzula beste izenen bat. Esango al zenidake? —Tom Sawyer, jauna. —Hori da, hori da. Horri esaten diot nik mutil jator izatea. Eder, mutil ederra. Ez zara damutuko, ez, ikasten pasa dituzun orduengatik. Ez horixe! Munduko gauzarik onena jakitea da. Horrek egiten ditu gizonak haundi. Zu ere haundia izango zara, bai, gizon haundia. Orduan gogoan izango duzu eskola hau eta esango diozu zeure buruari: gaur zerbait baldin banaiz, igandetako nire eskolari esker da. Apaizari esker. Biblia eder hau erregalatu zidalako, ikasten animatu ninduelako. Hori esango duzu. Eta orain, ez zaizu noski axola izango, esango al dizkiguzu hainbeste aldiz ikasitako gauza batzuk? Nere emaztea eta ni entzuteko gogoz beteta gaude (Tomen kopetan izerdi hotz bat atera zen). Ez dut uste axolako zaizunik, alderantziz, pentsatzen dut esateko desiratzen egongo zarela. Bueno, pentsatzen dut, jakingo dituzula hamabi apostoluen izenak, ez da? Nola ez! Esango al dizkiguzu haien artean aukeratuak izan ziren bi lehenengoen izenak? Zer erantzun behar zuen Tomek? Txaketako botoi bati jira eta buelta ematen zion bere urduritasunean. Gorritu eta begiak jaitsi zituen. Walters apaizaren bihotzak ere lur jo zuen hori ikusita. Erraza zen, bada, galdera hura! Errazegia. Hari erantzuteko ez zegoen bi mila bertso buruz ikasi beharrik! Baina, hala esan zion Tomi: —Ale, Tom, erantzun iezaiozu jaun honi. Zain dago eta. Ez izan beldurrik. Tom, ordea, isilik. —Ia zein izan ziren bi lehenengo apostoluen izenak: Ziren, ziren... —DABID ETA GOLIAT! Hara mutil azkar baten jakitatearen bukaera! KAKALARDOA ETA BERE HARRAPAKINA Hamar eta erdiak ziren, gutxi gora behera eliz dorreko kanpai pitzatua dilin dalanka hasi zenean. Eliz eskolako haurrak banatu ziren elizako aulkietan. Izeba Polly, eta haren inguruan, Tom, Sid eta Mary. Pasillo ondoan ipini zuen izebak Tom, ze bestela leihotik begira egoteko tentazio gehiegi izan baitzezakeen. Herriko jende guztia han zetorren: Posta banatzailea, herriko alkatea bere emaztearekin; herriko juez jauna; Douglas anderea, ilegorria, berrogei urteko andre ederra, alarguna bera. Eskuzabal fama zuen, eta edozer mesede eskatuaz gero, prest zegoen asetzeko. Alkate izandako gizon zaharra, urteen mendean konkortua; herriko neska politenak ere bai, beraien artean guztien Erregina zutelarik; atzetik, gazteak, haizez eta familiako gauzetaz burua beteta zeukaten herriko señoritoak. Eliz sarreran han egon ziren, irribarre eta faltsukeria, azkeneko andereñoa elizaratu arte; eta azkenik, han zetorren herriko mutilik zintzoena, guztien modelo zen Willie Muñerson, bere amaren zain. Beti amaren zain ibiltzen omen zen. Hain baitzen ona. Emakume guztiak hala esaten zuten: —Hori, bai, mutila, ez gurea, hori da urrezko mutila. Han zetorren bada, hura ere, Tomentzat izan zitekeen pertsonaia gorrotagarri eta afektatuena. Poltsikotik zintzilika, itxuraz lardaskan sudur zapia zekarrela, baina ondo begiratuta jarri zuena. Herritar gehienak elkartu ziren. Berriro kanpai pitzatuak azkeneko danbada eman zuen, nor edo nor atzera bazetorren ere abisatzeko. Kantoreak koruan zeuden, beti bezala, berriketa bizian. Ez dakit zergatik, baino gure herrietako koruetan, sekula ez dut ez isiltasunik, ez otoi girorik ikusi. Herri hartakoan are eta gutxiago. Apaiz jaunak haserako otoitza errezatu zuen, eztarria lerdenduaz, lepa papoa puztuaz, guztiak entzuten ziotela ongi bazekiela. Hala zion: Zerurantz naramate lorezko ohe gozoan, odol isurtzen daudelarik, besteak itsasoan... Guztiek esaten zuten oso irakurle ona zela. Hark bertsoren bat irakurtzen zuenean, emakume, neskazahar eta abarrek, hura bezalakorik ez zegoela esaten zuten. Hari entzutea, salmoen estasia lortzea bezala zen. Bukatu zenean, apaiz jauna, oharrak irakurri eta irakurri aritu zen denbora luze batetan. Harrigarria. Edozeinek esango luke, Amerika batetan, hainbeste eta hainbeste egunkari dagoen leku batetan, ohar haien beharrik bazegoenik. Baina bazirudien bukatzeak pena ematen ziola, eta... ezin bukatu... Hura nahiko izan ez bazen bezala, gero otoitz andana bota zuen: elizaren alde, elizan zeuden haurren alde, beste elizen alde, herriaren alde, konterriaren alde, Estatua, Estatuko funtzionarioen alde, Lehendakariaren alde, itsasgizon, Europako monarkia zapaltzaileen mendean dauden miloiken alde, ekialdeko errukarri guztien alde, eliz dotrina eta Kristoren argitasuna hartu arren, onartzen ez dutenen alde, fedegabeen alde, itsasoan galduta dauden uharteko indioen alde. Ez dakit eta badakit zeren alde, eta... azkenean amen. Han zegoen Tom, apaizak norbaiten alde otoitz egin behar zela esaten zuen bakoitzean, buruarekin eskuin, ezker, berriro eskuin, gero ezker, barrutik iseka eginaz, luze irudituaz... Otoitzaren erdian, euli bat geratu zen aulkiaren besalekuan. Begiratu zion Tomek. Ezin zuen sufritu nola hegalak igurtzen zituen, hankekin burua besarkatzen zuenean, eta bazirudien astindu batetan lepa mehe hartatik eten behar zuela; gero hegalak hanken kontra igurtzi zituen, orain gorputzaren kontra. Hark ez zuen inoren beldurrik ingurune guztia menderatuko balu bezala. Bitartean apaiz jauna bere erretolikarekin. Tom ez zen eskua mugitzera ere ausartzen. Alferrik. Mugitzen bazen, infernuko deabruak anima zatibituko ziola iruditzen zitzaion. Eta euli alu hura bere mutur aurrean nahi zuena egiten. Baina otoitzaren bukaera ingurua iritsi zenean, eta “Amen” esateko unea iristen ari zela, “zas” bota zion kolpea eta eskupean hartu zuen. Izorra hadi, esan zion. Baina han zegoen izeba Polly eta aska erazi egin zuen. Apaiza gero, sermoiarekin hasi zen. Hain konbentzi garri zen, ze jende guztia aho zabalka eta buruarekin “bai” esaka hasi baitzen. Loari ezin eutsi. Eta berak segi eta segi, ez dakit, zerua, badakit infernua, ze gutxi salbatuko ziren, esateko batik ere ez. Infernura, ordea, bueno... la letxe...! Eta Tom...? Ba, hantxe, zer bihurrikeria egingo zuen asmatu ezinik asper une haiek alaitzeko. Gero, ordea, gogoratu zitzaion, meza aurretik kutxatxo batetan zeukan kakalardo bat. Hantxe zegoen. Ez zekien itota, ala bizirik. Behintzat, estu-estu eginda zegoen, eta bizi baldin bazen, bazeukan nahiko merezimendu. Atera zuen, eta zirikatzen hasi zen. Eta... zas! egin dio atzaparka behatz batetan. Mekau... en! esan zuen Tomek, alu zerria. Eman zion zartakoarekin, han joan zen hankaz gora pasillora. Han geratu zen, zalapartaka, jira eman ezinik. Tom begira zeukan. Hartu nahi zuen, baina, nola ba... Izebak itoko zuen. Baziren han beste zenbait pertsona ere sermoiarekin asper-asper eginda zeudenak. Haiek hantxe ikusi ahal izan zuten ikuskizun merkea. Geroxeago, nonbaitetik etorritako zakur triste bat azaldu zen. Ikusi zuen kakalardoa. Altxa zuen buztana. Eman zituen bi, hiru bira inguruan. Usaindu eta beste buelta bat ere eman zuen, baina urruti txotik, ze ez baitzuen nahi haren adarkada bat. Altxa zuen muturra eta ostikada bat eman zion zomorroari. Bestea, eta gero beste bat. Azkenean aspertu eta hantxe geratu zen. Mugitu zuen muturra, lurrean eseri zen eta muturra jaitsi. Baina, ordiga! kakalardoaren parean egokitu zitzaion eta honek eman zion bere erpeekin. Zaunka minberatu bat egin zuen eta eraginaren eraginez askatu zuen kakalardoa. Handik bi metrotara lurrera erori zen. Berriro ere hankaz gora. Begira zeudenak, hamaika farre disimulatu egin zuten. Zenbait aurpegi abanikoen atzean ere izkutatu ziren. Tomen pozik zegoen. Baina txakurra, tonto samarra izan arren, haserre zegoen kakalardoaren koskarengatik. Inguratu zitzaion, eta hasi ere bai, lehen bezala inguratzen. Ingurutxo bat, urrutitik, beste ingurutxo bat ondotik, zaunka isilak eginaz. Aspertu zen berriro ere, gero euli baten atzetik joan zen, atzeko hanka gainean jarririk, bestetan muturrarekin lurra jotzeraino. Berriro eseri zen bada, baina kakalardoaren gainean. Honek triparen erditik heldu zion oraingoan. Zakurrak berebiziko ulua egin zuen. Abiatu zen korrika pasillotik barna, saltoak emanaz, kakalardoa zintzilika zuela. Baina ezin, salto gora eta salto behera, eta kakalardoa zintzilika. Azkenik, ezinean, nagusiaren magaleraino joan nahi izan zuen. Honek, ordea kristoren ostikada eman eta leihotik barna bidali zuen. Eliztar guztiak gorri-gorri zeuden, ahoan zapia jarriaz, lehertzeko zorian, ikuskizun merke hartatik begi belarriak kendu ezinik. Eta apaiza, matraka jo eta jo... Alferrik ziren han esandakoak. Denak distraituta zeuden zeharo. Apaizak zerbait esaten bazuen, zenbait ustekabe farrez hasten ziren txiste bat entzun balute bezala. Azkenean apaizak bukatu zuen bere erretolika. Tom Sawyer pozik itzuli zen etxera. Konbentzituta zegoen, elizkizunak ere askotzaz eramankorragoak egiten zirela, barruan halakoxe alaitasun piska bat jartzen asmatuaz gero. Egun hartan gertatu zen bezala. BECKY ETA TOMEK ELKAR IKUSI Astelehena zen. Egun txarra. Tom desesperatua esnatu zen. Jo..., berriro eskolara itzuli beharra zegoen, berriro liburu eta paper tartera. Gauza aspergarriagorik ezin zitekeen asma. Ez zuen gauza onik pentsatu nahi, dena txarra. Triste egon nahi zuen. Pentsatzen ari zela, gaixo jartzeko gogo bizia sortu zitzaion. Era honetara, ez zen eskolara joango. Etxean geratuko zen. Begiratu zion gorputzari, baina inon ez zuen minik aurkitu. Tripako mina ote zuen ere iruditu zitzaion eta gogoz hasi zen minsorri posible hura gehiagotzen. Baina, ez alferrik. Ez baitzuen tripako minik. Berriro pentsatzen jarri zen. Halako batetan, hortza bat zintzilika zeukala iruditu zitzaion, hortza bat kolokan. Orain bai ongi. Aurkitu zuen, azkenean, bere minaren arrazoia. Goiko hortzetako bat kolokan zeukan. Zer poza! Hasi zen aieneka. Baina, ondo pentsatuta, hura ez baitzen nahiko arrazoi. Izebak hura entzuten zuenean, emango zion belarrondokoarekin, hortza pikotara bidaliko zion. Ez, ez, beste zerbait pentsatu beharra zegoen. Halako batetan, bururakizun bat izan zuen. Duela egun batzuk sendagile bati entzuten egon zen. Hark zioenez, ba omen da gaixotasun bat, min handikoa. Gaixotasun onek bizpahiru astetan ohean egotera behartzen omen zaitu, bestela behatz bat galdu omen dezakezu. Huraxe egingo zuen. Konbentzitu zuen bere burua mina zuela eta hasi zen aieneka. Hasi bazen, hasi zen. Haiek ziren min garraisiak. Sid, ordea, ez zen esnatzen. Tom saiatu zen oraindik ere buila gehiago egiten. Bina Jim, ezta esnatu ere. Bazirudien, hanka ere benetan minez jarri zitzaiola Tomi. Hainbestekoak baitziren bere negarrak. Atseden piska bat hartu zuen, eta berriro hasi zen aieneka, lehen baino indar gehiagorekin. Bazirudien izugarriz- ko minak zituela. Bitartean, Sid, berriz, zurrunka. Desesperatua zegoen. Azkenik: —Sid, Sid, arren, Sid —eta astindu zuen—. Orduan, bai, Sid esnatu zen. Eta berriro, Tom intzirika hasi zen. Sidek aharrausika egin zuen, gero ohean etzan zen. Tomi begira-begira gelditu zitzaion: —Tom, baina Tom, zer gertatzen zai- zu? — Erantzunik ez—. Tom! Arren, Tom! esan iezadazu zer gertatzen zaizun…! Eta bultza eta heldu egiten zion. Eta Tomek esaten dio: —Sid, arren, Sid, ez nazazu horrela bultza. —Baina, Tom, esan ezazu Tom, zer gertatzen zaizun? Izeba Pollyri deituko diot. —Ez, ez, ez deitu, ez du garrantzirik. Laster pasako zait. Ez deitu inori. —Nola ez deitzeko? Deituko diot bai, ez itzazu honelako garraisiak bota. Arren, Tom, ez eta ez. Oilo ipurdia ateratzen zait eta... Tom, zer gertatzen zaizu? Zenbat denbora daramazu minez? —Badira orduak. Baina, Sid, ez nazazu bultza. Bestela akabatu egingo nauzu eta. —Eta zergatik ez nauzu lehenago esnatu? Ezin duzu honelako minekin jarraitu. —Sid, orain arteko guztia barkatzen dizut, dena barkatzen dizut. Hemendik joaten naizenean... —Baina, Tom, zer ari zara esaten? Hiltzera al zoaz ba...? Ez al duzu horrelakorik egingo! —Guztiei barkatzen diet, Sid. Esan besteei ere. Sid, eman iezaiozu herrira etorri den neska berriari nire katu begi bakarra, leihoko sarraila eta esaiozu... Baina Sid tximista bezala altxa zen handik eta joan zen. Tom, benetan minez zegoen. Irudimenak konbentzitu zuen mina zuela, eta hanka guztiak min egiten zion. —Izeba Polly, izeba Polly, zatoz, arren eta arren. Tom hil zorian dago. —Hil zorian? —Hil zorian, bai, hil zorian, etorri azkar. —Hil zorian dagoela, ez dut sinesten. Hala ere izeba Polly larritu zen, eta bizi-bizi igo zituen eskalerak, Mary cta Sid atzetik zituela. Aurpegia zurbil, kopeta izerditan. Itota iritsi zen: —Tom, Tom, zer gertatzen zaizu? —Ai izebatxo, izebatxo... ez nago ondo...! —Zer gertatzen zaizu, esazu azkar, esazu! —Izebatxo, hankan min egiten dit, hankako behatzak! Izeba zaharra aulkian eseri zen. Bi malkok aldegin zioten begitatik, irribarre ere egin zuen. Baina baita lasaitu ere: —Ai, Tom, ez dakizu zer sustoa hartu dudan! Orain, utzi txorakeriak eta jaiki zaitez ohetik! Oihu eta aieneka guztiak instantean bukatu ziren. Tom altxa zen eta minak ere kendu zitzaizkion. Mutila lotsa- lotsa eginda gelditu zen: —Egiatan izeba, min haundia nuela, min haundia. Hortza kolokan dudala ere ahaztuta neukan eta... —Hortza ere bai ee? Zein hortza? Ikus dezagun, ikus dezagun! —Bat asko mugitzen zait eta ikaragarrizko mina egiten dit. —Ikus dezagun, ikus dezagun, eta ez hasi berriro ere istilua armatzen! Aitu? Ea, ireki ezazu ahoa, gehiago. Horrela! Mugitzen da bai, baina horregatik ez zara hilko. Egon lasai. Ea, Mary, ekar iezadazu sedazko aria atera diezaiodan. —Arren, izebatxo, arren, ez atera. Ia ez dit minik egiten. Ia sendatu zait. Ia ez dut hortzik gabe gelditu nahi. Ia ez dut etxean egon nahi eskolara ez joateagatik. —Aiba, aiba! Beraz hori zenuen guztia, e? —esaten dio izebak—. Ez zenuen eskolara joan nahi eta hemen aritu zara iskanbila armatzen. Ongi, ongi. Zurekin ez dago gauza onik, horrela ez da posible bizitzea. Gaizto alen hori. Oraindik ere okerragoak asmatuko dituzu zuk. Oraindik ere bai! Bitartean hortzetako aparailua prestu zegoen. Lotu zuen sedazko aria hortzetik, korapilo estu bat eginaz eta ariaren beste muturra, ohe ertzari lotu zion. Gutxien pentsatzen zuenean, tiraldi gogor bat eman eta hortza haritik zintzilika gelditu zen. Baina alderdi txar guztiak ba omen dute bere alderdi ona ere. Tomek eskolara joan zenerako, ikasi zuen bidean, hortz zulotik listua botatzen. Modu berri eta berezi bat zen. Eskolara iritsi zenean, denak harriturik zeuden, eta guztiek nahi zuten Tomek bezala listua bota, hain egoki eta hain urrutiraino. Guztiak froga egiten zuten, baina alferrik. Txistua hala botatzeko, hortz zuloa behar zen. Geroxeago, herriko mozkor nagusienaren semearekin topo egin nuen: Huckleberry Finn zuen izena. Herriko emakumeek ezin zuten mutil hau ikusi ere bistaren aurrean. Hain baitzen gaiztoa eta zikina, utzia. Ze bere seme guztiek harekin egon nahi izaten baitzuten, eta ia hura bezalakoa izan nahi zuten. Tomek ere mirespen berdina sentitzen zuen Huckleberryrenganako. Askotan esan zion izebak harekin ez ibiltzeko, baina alferrik. Itxurarik gabe gaizki jantzia ibiltzen zen mutil hau. Aitaren galtza zaharrekin. Alde guztietatik sobratzen zitzaion, hain bait zeuzkan gaizki. Alde guztietatik adabakiak zituela. Tirante bat zeraman zeharka haiei eusteko. Behean tolestuak zituen hankapean ez harrapatzeko. Buru gainean kapelu bat zeraman bi zulo handiekin eta inguru guztia dena koipez josia. Nonahi bizi ohi zen. Kalean lo egiten zuen. Edota eguraldi txarra egiten zuenean, balde batzuen azpian, edozein lekutan. Egun guztia kalean pasatzen zuen. Ez zen eskolara joaten, beraz maisuak harentzat alferrik zeuden. Nahi zuen guztia egiten zuen. Edozer gauzagatik borroka. Udaberriaz gero, oinutsik ibili ohi zen eta ez zuen ezertxo ere jazten udazkena arte. Ez zuen arropa berririk jazten, beraz, ez zuen ezer ez puskatzen ez zikintzen. Beraz, mutil guztiek bera bezalakoxeak izan nahi zuten, bera bezain libreak izan, bera bezain axolagabeak, arropa zikintzeko, puskatzeko, ikasteko ardurarik gabe. Tomek diosala egin zion: —Kaixo, Huckleberry. —Kaixo, mutiko. Zer iruditzen zaik hau? —Zer daramazu hor? —Katu bat hila. —Katu bat hila arraioa. Utz iezadazu ikusten. Arraioa! zein gogortua dagoen! Non aurkitu duzu? —Mutil bati erosi diot. —Zeren truke? —Ba honen truke, txartel urdin bat hiltegian aurkitu dudan maskuri bat eman diot. —Eta nondik atera duzu txartel urdina? —Duela bi aste trukatu nion Ben Rogersi piririka batengatik. —Eta zuk Huck, ba al dakizu zertarako balio duten hildako katuek? —Zertarako? Karatxoak sendatzeko, ez da? —Bai ote? Ezagutzen dut nik, beste zerbait hobea. —Ezetz hobea, ia esan! —Ardagaiaren ura! —Ardagaiaren ura. Ez ezak adarrik jo, —Ezetz, sekula probatu al duzu bada? —Ez, nik ez, baina lagun batek bai: Bob Tannerek. —Nork esan dizu hori? —Ba... begira, berak Johnyri esan zion. Honek Jim Hollisi, honek Ben Rogersi, Benek beltz bati eta beltzak neri. Bale? —Ongi da. Bada, guztiek gezurra esan dute. Guztiek, beltzak ez beste. Ez dut beltz hau ezagutzen, baina gaur arte ez dut gezurra esaten ez duen beltzik ezagutu. Beraz...! Ez dut sinesten, baina esan iezadazu nola egin zuen. —Ba..., eskua euriz betetako enbor ustel batetan sartu omen zuen. —Egun guztian? —Noski, ba, egun guztian. —Enborrari bizkarra emanaz? —Bai jauna. —Eta zerbait esan al zuen? —Ez dut uste, ez dakit. —Ikusten, ikusten? Nola ez dakizula? Nola egin daiteke horrelako karatxo sendakuntzarik? Horrela ez da egin behar. Basura sartu behar da ardagaia duen enbor baten ondora inguratu arte. Gaueko hamabiak jotzen dutenean, sartzen duzu besoa enbor uretan eta hau esan behar da: —Garagar ale, garagar ale, indioak jan dezala zaia bederen. Ardagai ura, ardagai ura, karatxoa, karatxoa sendatu da. Gero hamaika pauso eman behar dira, begiak itxita. Hurrena hiru aldiz itzultzen zara eta etxera abiatzen zara. Baina inorekin hitz egin gabe. Bestela sorginkeriak indarra galtzen du. —Ez zait hain era txarra iruditzen. Baina Bob Tannerek ez zuen honela egin. —Noski ezetz. Baina herri honetan ez dago beste bat hark hainbat karatxo duenik. Ardagai ura erabiltzen baleki, ez luke batik ere edukiko. Nik ere zenbat karatxo kendu ote ditut honela eginaz. Badakizu, neri igelekin jolasteak asko gustatzen zait. Eta karatxoak ateratzen dira. Batzuetan babekin kentzen ditut. —Baben erremedioa ona dela entzun dut nonbait. Ezagutzen duzu erremedio hori? —Bai ote. Arren, esan iezadazu. —Baba bat hartzen duzu, ez da? Mozten duzu erditik. Ebakitzen duzu karatxoa ere piska bat, odol ttantta bat atera dadin. Odol tanto hura jartzen duzu baba zati batean. Gau erdia denean, lurrazpian lurperatzen duzu, bidegurutze batetan. Baina ilargirik ez dagoenean. Bestela ez du balio. Babaren beste erdia surtan erre behar da. Ulertzen? Odola duen zatiak, beste zatia beregana elkartzen du. Era honetan odolari ere karatxoa txupatzen laguntzen zaio. Eta karatxoa berehala desegiten da. —Hori da, Huck, hori da. Baina zera esanez gero askotzaz hobea omen da. Alegia: Baba, barrura; karatxo kanpora; ez etorri berriz ni izorratzera. Honela egiten du Joe Harperrek. Eta mutil hau leku askotan egon da eta asko daki. Baina, esan iezadazu: Nola egin behar da katu hildakoekin? —Begira, hartzen duzu katu beltza eta hilerrira joaten zara, gauerdi batetan. Baina, egun hartan alprojaren bat lurperatu baldin badute. Gauez, bizpahiru deabru azalduko dira. Noski, deabruak ez dira ikusten baina sentitzen omen dira. Haize hotsa eta horrelakoak ateratzen omen dituzte. Hauek anima hartzen dute infernura eramateko. Eta hala daramatenean, botatzen duzu katu hila haien atzetik eta hau esaten duzu: “Deabru doa hildakoaren atzetik, hurrena katua, karatxoa gero, eta ni bera gabe gelditzen naiz”. Eta karatxo guztiak desagertzen dira. —Interesgarria dirudi. Behin ere frogatu al duzu? —Ez, nik ez, baina Hopkins amonak esan zidan berak baietz. —Orduan egia izango da, ze Hopkins deabrua omen da eta. —Hala diote bai! Nik ez dakit hori egia izango den baina... Berak sorgindu omen zuen behin nire aita... Baina gutxiena uste zuenean, hartu omen zuen harri bat eskutan, eta txikituko omen zion muturra ihes egin ez bazuen. Ba, begira, gau hartan bertan ukuilu batetan omen zegoen mozkortuta. Erori eta besoa hautsi omen zuen. —Arraio zaharra! Aitak erraz esango zizun hori, bai. Begira-begira jartzen zaizkizunean, hipnotizatzen ari omen zaizkizu. Eta erne aho tartean zerbait esaten badute. Ze, Aita Gurea atzekoz aurrera esan ohi omen dute eta... —Huck, noiz joango zara katuaren hori frogatzera? —Gaur gauean bertan. Nik uste dut gaur gauean etorriko direla deabruak Hoss Willians aitona zitalaren arima bila. —Baina larunbatean lurperatu zuten eta. Ez ote da berandu izango? —Ezta pentsatu ere. Gauerdia baino lehen ezin zezaketen egin. Baina behin gauerdiaz gero, igandea baita eta deabruak ez omen dute igandetan lanik egiten. Beraz... —Horrela izango da, horrela izango da! Pozik joango nintzateke bada, ni zurekin. —A, nahi baduzu etorri... Ez al duzu beldurrik? —Beldurra! Beldurra? Ez gizona, ez. Hasiko al zara miauka? —Bai, hasiko naiz eta zuk, ahal baduzu, erantzun iezadazu. Badakizu azkenekoan ere, miauka denbora gehiegi eduki ninduzun, eta auzoko amona haserretu zen sasi katuaren aurka, eta adreilu batekin ia burua txikitu zidan.. —Gau hartan ezin izan nuen miauka erantzun. Ze gure izeba sorgin gaizto hori erne bait zegoen. Baina, zer daukazu eskuetan? —Mandeuli bat! Zer ba...? —Non harrapatu duzu? —Basoan! —Erosiko dizut! —Ez, ez. Ez dut saldu nahi ordea! —Ondo, ondo, baina txiki txikia da eta. —Bueno, nahi duzuna, txikia da, baina neri hauxe gustatzen zait. Niretzako hauxe polita da. —Baina, mandeuli pila dago eta. Milaka harrapatuko nituzke nik! —Harrapatu itzazu ba, zergatik ez dituzu harrapatzen? Ezin duzulako. Aurten harrapatu dudan lehenengoa da. —Entzun, Huck, ematen ba didazu, nik nire hortza emango dizut trukean. —Ikus dezagun bada! Tomek poltsikotik papertxo bat atera zuen, zeharo tolestatua. Ireki zuen. Huckeleberryk arretaz begiratzen zion. Eta azkenik galdetzen dio: —Benetan esaten al duzu? Egiazkoa al da hortz hau? —Ikusi, ikusi zuloa. Eta Tomek hortzaren zuloa azaldu zion. —Bueno, Tom, egina dago. Zuretzat mandeulia eta niretzat hortza. Tomek mandeulia kutxatxo batetan gorde zuen. Eta Huckek hortza, poltsikoan. Biak pozik agurtu zuten elkar. Noski, Tom berandu ailegatu zen eskolara. Utzi zuen pertxan txapela eta bere lekurantz abiatu zen. Aurrean maisua azaltzen zen, bere aulkian, erdi lotan, nahiz haur guztiak aurrean eduki. Tomek atera zuen zaratarekin esnatu zen. Eta bota zuen: —Tomas Sawyer! ! Tom konturatu zen ekaitza zetorrela. Bere izena osoa esatea seinale txarra izaten zen. Eta hala erantzun zion: —Zer jauna? —Zatoz hona. Zergatik zatoz berandu, beti bezala berandu? Laster botako zion Tomek gezurra. Baina une hartan, eta zeharka, neska ilegorri ezezaguna begiztatu zuen. Gela guztia beteta zegoen. Baina neska haren ondoan zegoen aulki huts bakarra. Eta ausardia guztiarekin erantzuten dio: —Bidean Huckbeberry Finn topatu dut eta berarekin kontuak esaten egon naiz. Maisua geldi-geldi geratu zen, elbarritua bezala. Begiak anpolaiak bezala ireki zituen. Gelan normalean egon ohi zen zurrumurrua zeharo isildu zen. Ikasle guztiak Tom erotu zela zioten berekiko. Burua galdu zuela, alegia. —Eee? —oihukatu zuen maisuak—. —Bai, jauna, bai. Huckeberry Finnekin kontu kontari aritu naiz. —Tomas Sawyer: sekula inork ezan ez didana esan didazu. Aitormen gogorra egin duzu. Belarrondoko bat ez da aski izango. Ken ezak zamarra hori! Han entzun ziren zirti-zartakoak ez ziren txantxetakoak izan. Azkenik, maisuaren besoa ere nekatu zen. Eta agindu zion: —Orain eseri hadi, eseri hadi neska tartean. Eta azkeneko aldia izan dadila! Neska tartean esate hark, lotsarazteko intentzioa zeraman. Eta nolabait, Tom lotsa-lotsa eginda zegoen. Ez ordea, nesken artean jarri behar zuelako. Baizik eta, berak gehien nahi zuen neskaren ondoan jartzera zihoalako. Tom aulkiaren puntan eseri zen. Neskak ihesi motz batean aldegin zion. Beste mutilak, ukondoka, irribarrezko iseka, murmurioak zeuden, ezinean. Tom, geldi-geldi ordea, gogoz ikasten hasi izan balitz bezala. Baina geroxeago, denak lehengo eran jarraitu zuten. Ohizko zurrumurrua berriro indartu zen, eta gelako giro loarazlea zabaldu zen. Mutila hasi zitzaion neskari zeharka begira. Honek mingaina atera zion eta buru atzekoa eskaini zion. Berriro aurrera begira jarri zenean bere aurrean melokotoi eder bat ikusi zuen. Eskukada batez baztertu zuen. Tomek ordea, lehengo lekuan utzi zion. Neskak berriro lehen bezala eta mutilak ere bai. Baina gero neska ados geratu zen. Tomek, hala idatzi zion harbelean: “Zuretzat, badut beste bat ere”. Neskak irakurri zuen, baina ez zuen keinurik ere egin, irakurri ez balu bezala. Baina mutilak bihurgune polita asmatu zuen. Egin zuen zerbait harbeltxoan eta eskuarekin estali. Neskak hasieran ez ikusia egiten zion. Baina ez luzaroan. Eta Tom bien bitartean han ari zen eskupean idazten eta marrazten. Auskalo! Neskak, ordea, ezin egon galanta. Hura ikusi nahia jarri zitzaion. Eta azkenik esaten dio: —Utz iezadazu ikusten. Tomek erdizka erakutsi zion. Bi hegaletako etxe bat, gainean tximinia bat. Handik gora, zerurantz motots antzeko ke hari bat igotzen zelarik. —O, zein polita egin duzun —esaten dio neskak—. Zergatik ez duzu gizon bat marrazten? Eta hor ikusten dugu Tom, pozaren pozez berriro marrazten. Neskak agindutako gizona. Hanka luzea atera zitzaion, egia esan. Ze bere hankak etxea bera baino luzeagoak baitziren. Baina ez zitzaion axola. Berdin zen. —O ze gizon iaioa egin duzun! Marraz nazazu orain ni paseatzen! Tomek ordulari bat egin zuen, inguruan alanbrezko beso eta hankak zituena. —Hori bai gauza polita — esaten dio neskak—. Zenbat gustatuko litzaidake marrazten jakitea? —Bai? Ba, oso erraza da. Erakutsiko dizut, nahi baduzu, —Benetan? Noiz? —Gaur bertan. Etxera al zoaz bazkaltzera? —Zuk nahi izanez gero, geldituko naiz joan gabe. —Egina dago? Nola duzu izena? —Becky Thatcher. Eta zuk? Ai... badakit, bai: Tomas Sawyer. —Bai, horrela deitzen naute astintzen nautenean. Baina nire lagunek Tom deitzen naute. Deituko al nauzu horrela? —Noski, baietz. Tomek harbeltxoan lanean jarraitu zuen. Ez, ordea, klaseko gauzak. Beste zerbait, dudarik gabe. Zer? Neskak ikusi nahi zuen. Orain beldurrik eta ingur-mingururik gabe. Tomek eskuaz estaltzen zion eta besteak ezin ikusi. —Tom —esaten dio— erakutsi zer egiten ari zaren! —Ez, ez, oraindik ez. —Baietz, ba, erakusteko. —Ez da ezer eta. —Zerbait bada, bai. —Baina ez duzu ikusi nahiko ordea. —Horixe, ba, ikusi nahi dudala. Arren! —Ez esan gero inori! —Ez diot ba esango. —Zin egin ezazu bizi zaren artean ez diozula inori esango! —Egina dago. Ez diot bizi naizen artean inori esango! Eskua kendu nahi zion Beckyk, eta Tomek utzi nahi ez zion itxura egin. Baina bien bitartean, esku goxo haren epela gozatu zuen. Eta pixkana-pixkana utzi zion ikusten. Zera jartzen zuen: “Maite zaitut”. —Zein gaiztoa zaren! —esaten dio neskak—. Baina bazirudien ez zuela ikaragarri haserretu. Une hartan, atzetik hatzapar bat erantsi zitzaion belarrian. Atzetik zetorren erasoa. Maisua aspaldidanik bien arteko gorabeheratxoak jarraitzen egon zen. Hatzapar hark altxa zuen gorantz, pakete bat balitz bezala. Eta gela guztiaren algarak entzuten ziren bitartean, bere betiko lekura eraman zuen. Saiatu zen gero Tom, ikasten. Baina alferrik. Bere buru eta bihotza beteegiak zeuzkan hango gorabeherak ikasteko. Harentzat berdin baitziren mendi eta zingirak. Ibai eta errekak. Buruko nahasketa, eta beste munduan, ilargian pentsatzen zuen. Inolaz ere ezin kontzentratu ikasten. MANDOEULIAREKIN DENBORA PASA. MAITEMINDUAREN HITZAK Ahaleginak egiten zituen, esan dugun bezala liburuan begi belarriak jartzeko. Baina bai zera... Azkenean, aharrausika eginaz, alferrik zela pentsatu zuen. Noiz etorriko ote zen eguerdia! Han ari ziren bere lagunak murmurio nazkagarri batetan ikasi eta ikasi. Irakaslea erdi lo, noizbehinka ahozabalka. Urrutian eguzki beroak mendi gailurrak argitzen zituen; txoriak hegaka kalean. Besterik ez. Han urrutian behi batzuk larrean. Nola arindu ordu haiek? Hasi zen bere poltsikoak aztarrika, nondik edo handik zerbait arintzeko aurkituko ote zuen. Eta hara nondik nora topatzen duen mandeuliaren kaja. A zer poza! Atera zuen kutxatxoa. Askatu zuen hegalik gabeko mandeulia, lehenagotik kendu baitzizkion. Bazirudien zomorroa ere poztu zela, eta mahaiaren alde batera abiatu zen. Tomek, ordea, orratz batez itzul erazi zuen bere norabide batera behartuaz. Honela behin eta berriro. Ondoan Joe zegoen, Tomen lagunik onena. Hura ere zeharo aspertuta zegoen. Beraz, mandeuliaren paseoak mahai gainean hasi zirenean, hara begira jarri zen. Bai pozik. Orain bazekien denbora nola pasa. Beti elkarrekin ibiltzen ziren, baina larunbatetan etsai gogor bihurtzen ziren bere kuadrillak hala eskatzen zuelako. Joek ere atera zuen orratz bat eta hura ere mandeulia hezitzen hasi zen. Joko polita batek alde batera bidali, besteak bestera, eta horrela behin eta berriro. Gero eta joko interesgarriagoa zen hura. Baina elkarri eragozpen egiten zioten, itxuraz behintzat. Eta Tomek bien arteko lekua mugatzea erabaki zuen. Pizarraren erdian marra bat egin zuen. Geroztik hura izango zen muga.—Orain —esaten dio lagunari—, zure lurraldean dagoen artean, zuk nahi duzun bezala jokatu, baina nire lurraldera etortzen eta alde egiten badu, orduan nik nahi dudan bezala erabiliko dut. Mandeuliak laster aldegin zion Tomi, eta Joeren lurraldera sartu zen. Joek zirikatu zuen behin eta berriro, baina hari ere aldegin zion marra igaroaz. Batek zirikatzen zuen bitartean, bestea erne zegoen. Beraz bi buruak han zeuden makur-makur eginda mahai gainean. Baina gero Joe trebatu zen, eta bere lurraldean zomorroa mantentzea lortzen zuen. Bestea zain noiz haren alderdira pasako. Ez alferrik. Batzuetan marraraino, mugaraino iristen zen, baina Joeren orratzak atzera itzularazten zuen. Horrela denbora luzetxo batetan. Tomek ordea, ezin zuen hainbeste denbora geldirik egon. Eta bere orratza Joeren alderdian sartu zuen. Joe, ordea, ikaragarri haserretu zen. Eta hala esaten dio: —Tom, ez ezazu ukitu. —Pixka-pixka bat bakarrik mugituko dut. —Horrek ez du balio! —Baina pixka bat bakarrik. Segituan bukatuko dut. —Esan dizut ez ukitzeko! Entzuten al duzu? —Ez dut nahi. —Nere alderdian dago, ezin duzu ukitu. —Bueno, Joe, baina zeinena da mandeulia? —Zeinena da mandeulia. Hori ez zait batere axola. Hau nire tokia da eta hemen ezin duzu ukitu. —Ba..., mandeulia nirea da eta nik berarekin nahi dudana egingo dut. Baina, gutxiena uste zutenean, betiko hatzaparrak Tomen eta Joeren bizkarretan tinkatu ziren berriro. Bi bizkarrek hartu zituzten astindu zapartak. Hautsa gogotik atera zen bi zamarretatik. Gelako guztiek izan zuten non denbora pasa eta nori farre egin. Ez zekiten bi gizagajoek, aspalditik han zegoela maisua bere atzean mandeuliaren jokoa ikusten. Klasea bukatu zenean, Tom Beckyrengana joan zen: —Egin ezazu etxera zoazela itxura. Kale iskinera iristean utzi iezaiezu lagunei aurrea hartzen. Gero itzul zaitez. Ni beste bidetik joango naiz eta berriro ere atzera itzuliko naiz. Beraz, bakoitza bere taldean abiatu zen. Baina, esan bezala berehala itzuli ziren atzera eta biak eskola barrura sartu ziren. Eseri ziren bata bestearen ondoan harbeltxoa aurrean zutelarik. Tomek gidatzen zuen Bechyren eskua pizarran, marrazkia polita atera zedin. Baina horretan ere aspertu ziren. Tom zeruan zegoen. Hizketan hasi ziren. Galdetzen dio bere lagunari: —Gustatzen al zaizkizu arratoiak? —Tom, mesedez, nazka ematen didate. —Bueno, neri ere bizirik baldin badaude, nazka ematen didate, baina hilda esan nahi dizut. Asko gustatzen zaizkit sokatik zintzilika, gero lagunen buru gainean jirabiraka ibiltzeko. —Ez, Tom, niri ez zaizkit gustatzen arratoiak, ez bizirik, ez hilda. Neri txiklea hausnartzea gustatzen zait.. —Aaa! niri ere bai. Orain ere pozik koskatuko nuke txikle bat. —Bai, nik badut. Utziko dizut piska bat baina gero atzera eman behar didazu. Beraz, orain batek, gero besteak, txikle berdina kaskatu zuten pozaren pozez. —Izan al zara behin ere zirko batetan? —galdetzen dio Tomek—. —Bai, behin joan nintzen aitarekin. Eta zintzoa izaten banaiz, berriro ere eramango nauela agindu zidan. —Ni hiruzpalau aldiz izandu naiz. Oso polita da. Ondo pasatzen da, elizan baino hobeki. Ni haundia egiten naizenean, zirko bateko pailaso izango naiz. —Benetan? O, zein ederki. Zein politak diren pailasoak aurpegi guztia irinez beteta ateratzen direnean! —Bai, eta gainera diru asko irabazten dute. Adizu Beckhy, eman al diozu inori noizbait ezkon hitzik? —Ezkon hitza? Eta hori zer da? —Ba... zer izango da ba. Inori esan al diozun berarekin ezkonduko zarenik? —Ez. —Eta gustatuko al litzaizuke ezkon hitza ematea. —Beharbada, bai... Zer ba...? Nola egiten da hori? —Oso erraza da. Zuk mutil bati hauxe esan behar diozu: beti, beti, beti, maiteko duzula. Eta gero musu bat eman. Horrekin aski da. —Musu eman? Eta zergatik eman behar da musu? —Zergatik...? Ba... zera... denek horrela egiten dute. —Denek... —Noski baietz, mundu guztiak maitemintzen denean musu ematen dio elkarri. Gogoratzen al zara zer idatzi nizuen harbelean? —Bai...! Zer ba...? —Ia esan, zer zen? —Ez dizut esango! —Nik esango al dizut? —Bai... baina beste egun batean. —Ez, oraintxe! —Ez, ez, gaur ez, bihar... —Ezetz, Becky, oraintxe izan behar du! Belarrira esango dizut, poliki-poliki eta isil-isilik. Ez du inork entzungo. Becky zalantzan geratu zen. Beraz, Tomek onartu zuela uste izanik, ahoa belarrira inguratu zion. Eta xuxurla goxo bat bota zion. Eta segidan: —Orain zuk neri esan behar didazu? Neskak, ordea, nahi ez balu, edo ezin balu bezalako keinua egin zuen. Baina laster bere losintxak baztertuaz esaten dio: —Itzul zaitez, eta ikusten ez nauzunean, orduan esango dizut. Baina, ez gero inori esan? Sekula? Agintzen al didazu? —Agindua dago, Becky. Itzuli zuen Tomek burua. Neska piska bat makurtu zen, eta hitz totelka... zera botatzen dio...: —Maaaite zaitut! Hori esan bezain azkar, ihes alai egin zuen gela barruan, Tom atzetik zuela, erdi harrapatu ezinik, jolasti biak. Azkenik, arnasestuka eta barrezka (bai pozik), bazter batean babestu zen neskatila. Bertan zegoen mantaltxo batekin estali zuen aurpegia. Tomek heldu zion lepotik eta otoi egiten dio: —Becky, orain ia guztia egina dago... Guzti guztia ez. Musu ematea falta da. Ez beldurrik izan. Ez da hain garrantziz- ko gauza eta. Ez zaizu ezertxo ere gertatuko. Hori esaten zion bitartean, mantaltxoa aurpegitik kendu nahi zion. Azkenik neskak jaitsi zuen mantal txuria eta bere aurpegi losintxatua bistan gelditu zen. Tomek musukatu zituen ezpain gorri eta guri haiek. Eta esaten dio: —Orain guztia egina dago. Orain, badakizu. Hemendik aurrera, ezin dezakezu inor gehiago maita. Ni bakar bakarrik maite behar nauzu. Beste inor ez! Onartzen al duzu? – Bai, Tom. Ez dut hemendik aurrera, zu besterik maiteko. Ez naiz zurekin baizik ezkonduko. Eta zuk ere gauza berbera egingo duzu, ez zara nerekin baizik ezkonduko. Bale? —Ados. Hemendik aurrera, eskolara etortzen zarenean, eta inork ikusten ez gaituenean, beti nerekin egongo zara. Beti nerekin. Kalean elkarrekin jolasten garenean, beti ni aukeratuko nauzu. Bileretan ere berdin. Horrela egiten dute besteek ere. Ezkontzarako hitzak hori guztia egitera behartzen zaitu. —Oi zein gauza polita den ezkontzarako hitza ematea. Behin ere ez nuen entzun. Zein pozik nagoen! -Oso ongi igarotzen da. Jakingo bazenu ni eta Amy Lawrence... Neskaren begiak zabal zabalik gelditu ziren. Mutila isildu zen. Baina hanka sartua zegoen... Zoro alaena! —Tom, ai, Tom...! Zer hasi zara esaten? —Ezer ez, ezer ez. —Bai, Tom, bai, beraz zuk lehen ere ezkontzarako hitza eman zenuen, ez da? Neskatoak negarrari eman zion. —Ez negarrik egin Becky. Orain hura ez zait batere axola. —Bai, bai eta bai, axola zaizu bai. Zuk zeuk ere badakizu hori ongi asko... Tomek lepotik heldu nahi izan zion. Baina bera paretari begira jarri zen, eta negarrez jarraitu zuen. Tomek berriro ere esan zizkion hitz goxoak. Baina, dena alferrik. Neskak ukatu egin zuen. Tom mindu egin zen Beckyren ukoagatik. Haserre atera zen kanpora. Barrura begira zegoen, eta Becky damututa noiz irtengo zain. Baina Becky ez zen kanpora atera. Azkenean, bere harrokeria alde batera utziaz sartu zen. Becky, ordea, txokoan negarrez eta negarrez. Ez zekien Tomek zer egin. Eta azkenean: —Becky, Becky, orain zu bakar bakarrik inporta zatzaizkit. Beste inor ez! Negar intzirien erantzuna besterik ez zuen jaso.—Becky, arren, Becky —erregu ahotsarekin—, esan iezadazu zerbait! Berriro ere negarrak. Tomek, orduan, bere poltsikotik, gehien maite zuen pitxia atera zuen. Ordulari baten latoizko orratz bat zen eta neskaren aurrean jarri zuen: —Arren, Becky, onar ezazu oparitxo hau! —esaten dio—. Neskak atzaparkada batez lurrera bota zuen. Tom orduan, abere mindu bat bezala, mendira abiatu zen, urrutira, oso urrutira. Ez zen egun hartan berriro eskolara itzuli. Popatik hartzera. Geroxeago, ordea, Becky kezkaz bete zen. Atera joan zen. Baina ez zegoen han Tom. Joan zen jolastokira. Alferrik. Eta deiadarka hasi zen: —Tom..., zatoz Tom... Inork ez zion erantzun. Dena isiltasun. Berriro eseri zen eta biraoka hasi ere bai. Laster hasi ziren eskola lagunak etortzen eta Beckyk bere begi gorrituak nolabait disimulatu zituen. Arratsalde hura oso luzea egin zitzaion. Inguru guztia etsai zuela iruditzen zitzaion. Nori esan behar bere barruko mina? ITSASLAPUR POSIBLE BAT Han zihoan Tom mindua aurrera eta aurrera. Bide galduetan aurrera. Errekasto bat gurutzatu zuen hiruzpalau aldiz. Tom, haur gehienak bezala, sineskeria zalea zen, superstiziosoa. Sineskeria haiek ziotenez, erreka gurutzatuaz gero, jazarpena posibleetatik libra zintezkeen. Gero, berriro aurrera, herriko azkeneko etxea pasa eta mendira igo zen. Zein txikia zirudien handik eskolak. Han urrutian! Bere sufrimendu toki alua! Sartu zen Paso ilun eta adartsu batetan sartu zen. Goroldio eze baten gainean eseri zen, haritz baten babespean. Ez zegoen haize izpirik ere. Eguerdiko bero latz hark txorien kantuak ere lehortu zituen, zeharo isiltzeraino. Izadi guztia lozorroan zegoen. Ez zen inongo zaratarik entzuten. Noiz behinka okilaren mokokada hotsa. Besterik ez. Tomen anima tristeziaz betetzen ari zen.. Bere barneko sentimenduak eta inguruko izadiaren tristeziak batera zetozen. Aurpegia bi eskutan, bi ukalondoak belaun gainetan zituela egon zen luzaro. Pentsatzen. Bizitza hain baitzen astuna. Hilda balego, a zer poza. Herrian hilberria zen Jim aitona. Hura bezala balego, lurpean, isil isilik. Jadanik sufrimendurik gabe, betiko amets luzean, hilerriko belar umila milizkatuaz, kezkarik gabe. Eta Becky, zer? Berak zer egin zion bada, era hartan baztertzeko? Berak hain jator jokatu. Baina neskak zakur tzar bat baino okerrago tratatu zuen. Ezin okerrago. Damutuko zen bai, noizbait. Ai, hil ahal baledi. Baina, Tomen barru dinamiko hura berriro esnatu zen kolpean. Berriro bizitza honetako gorabeherak bururatzen hasi zitzaizkion. Eta, aldegingo balu? Eta urruti urrutira joango balitz. Hain urrutira, ze inor iristen ez den lekutaraino? Eta gehiago ez itzuli. Pailaso izan nahi zuela ere bururatu zitzaion. Baina orain ez zuen nahi. Une hartan, erromantiko sentitzen zen, pailaso izan behar zuela pentsatzea, txikikeria bat zen une haietan. Ez, orain, gudari izango zen, soldadu izango zen. Urrutira joango zen borroka egitera, zaurituko zuten, sendatuko zen, eta atzera zauri markaz beteta itzuliko zen. Goraipatua. Edota, indioekin elkartuko zen. Basotan bufaloak ehizatzen ibiliko zen... han urrutian. Gero indioen buru izango zen, bere buru gaina lumaz hornitua. Eta horrela jantzita igande eskolan azaldu, dena aintzaz betea. Denak enbidiaz begiratuko zioten. Neska polit guztien begiak berarengan finkatuko ziren. Bai... bai... baina oraindik ere gehiago, itsaslapur izango zen... itsaslapur. Hori bera. Ideia hori izan zitekeen guztietan onena. Jende guztiak beldur izango zion. Bera izango zen guztien buru. Bere barku beltzean itsaso guztiak labainarekin bezala pasako zituen: Ekaitzaren Deabrua, deituko zioten. Halako batetan, bere herri zaharrean, Jaungoiko bat bezalaxe azalduko zen, haundia, goraipatua, azal beltz beltzarekin, itsaso guztiak pasata gero, tertziopelozko galtza ilunekin, lumaz josita, ikurrin bat eskuan, eta ikurrinean buruhezur bat bi hezur gurutzatuak zituela. Eta denek, esango zuten: Tom Sawyer, itsaslapur sonatu eta beldurgarria etorri da herrira. Egina zegoen, itsaslapur izango zen. Etxetik ihes egingo zuen. Segituan prestatzen hasiko zen. Ahal zituen gauza gehienak bilduko zituen. Aurreraxeago enbor erdi ustel baten gainean jarri eta bere labanarekin zulatzen hasi zen, konjuru hau botatzen zuen bitartean: —Hemen ez dagoena, betor. Hemen dagoena, gera bedi! Enbor ustelaren zati bat kendu zuen. Gero barrura hatzaparra sartu eta kanika bat topatu zuen. Haren harridura: —Hau benetan harrigarria da. Kanika hartu eta harrika bota zuen. Baina ez zegoen pozik. Ze, norbaitek kanika bat nonbait gorde eta beste edonork aurkitzen badu, bere bizitzan galdutako kanika guztiak topatzen ditu. Baina ez zen orduan hori gertatu, Eta Tomen fede guztia zalantzan gelditu zen. Superstizio nagusienetako bat ez zitzaion bete. Zein harrigarria. Gero sorginen batek oztopo egin ziolako izango zela pentsatu zuen. Baina ziur egon nahi zuen, eta jira bueltaka ibili zen. Gero ahoa zulo batetik sartuaz, zera bota zuen: —Txingurri txitxare, txingurri txitxare, esan egia zer den! Berehala hondarra mogitu eta zomorro bat atera zen. Mutila ikusi zuenean, atzera izkutatu zen. —Ikusten? —esaten du Tomek—, esaten nuen bai nik, sorginen bat ibili zaidala hemen! Bazekien hark, sorginen kontra ezin zezakeela ezertxo ere egin. Baina, gutxienez, botatako kanika aurkituko zuen. Bila hasi zen, baina ez zuen topatzen. Gero, ordea, itzuli zen bota zuen lekuraino eta lehen bezalako postura berdinean eseri zen. Poltsikotik atera zuen kanika berria eta bota zuen lehen bezala, esanaz: —Kanikatxo, kanikatxo, bila iezadan hire ahizpatxo. Baina bizpahirutan egin zuen, ze kanika ondo indar gutxirekin botatzen baitzuen, eta inguruan geratzen zitzaion. Azkenekoan, ordea, urrutiago joan zen. Begiratu eta bi kanikak bata bestearen ondoan zeuden. Geroxeago adar hotsa entzun zuen urrutitik. Aztarrikatu zituen lahar batzuk, eta han arku eta geziak, egurrezkoak eta umeren batek utziak aurkitu zituen. Aurrera abiatu zen, adar hotsari erantzuteko asmoz. Aurretik esaten du, bere golkorako, inguruan bere gudariak balitu bezala: —Gogor, nire gudariok, gogor! Egon ezkutuan nik kolpea eman arte. Handik pixka batera, han inguruan, eta Tomen adar hotsari erantzunaz, Joe Harper azaldu zen. Bera bezain gaizki jantzia, eta alkandora tarrantaz betea. Tomek egiten du deiadar: —Geldi, nor dabil basoan? Baimenik gabe? —Nik ez dut baimen beharrik basoan ibiltzeko! Eta zein zara zu? Ni Guy de Guisborne naiz. E la... —Nola ausartzen zara honela erantzutera? —esaten dio Tomek bere geziak harantz zuzenduaz—. Ni Robin Hood naiz. Eta deskuidatzen bazara, zure hezurrek lur joko dute. —Beraz, Robin Hood zara. Entzute haundiko gizona. Beraz, pozik onartuko zaitut baso honetan. Bestea ere armatuta zegoen. Jarri ziren biak aurrez aurre, eta itxurazko borroka latz bat hasi zuten. Tomek esaten dio: —Gogor, mutil, gogor, indar gehiagorekin. Geroxeago, Tomek, ia nekatzen hasi zirenean: —Erori zaitez lurrera. —Zegatik ni? Erori zaitez zu! Zuk hartzen dituzu kolperik haundienak. —Eta zer? Ni ezin naiteke erori. Liburuak esaten du honelako borroka batetan Guy de Guisbornek galtzen duela. Beraz, erori zaitez lurrera. Beraz, Joek kolpe itxuroso bat hartu zuenean lurrera erori zen. Orain, esaten dio Joek, altxatuaz: —Utz iezadazu zu hiltzen...? —Nola utziko dizut ni hiltzen? Liburuan horrelakorik ez da ageri. —Jolin, liburu hori nahiko eskasa dela iruditzen zait. Horrelako jolasetan ibili ziren basoan, bata zein zela, bestea nor zela eta abar. Azkenik aspertu eta nekatu zirenean, bere arma guztiak sasitan izkutatu zituzten berriro.
1. UNTXIAREN GORDELEKUAN Alizia ahizparekin erreka ondoan egotez aspertzen hasia zen. Beste egitekorik ez zuelarik bere ahizpa irakurtzen ari zen liburuari begiratu bat edo beste eman zion; baina ez zuen ez marrazkirik eta elkarrizketarik. “Eta zertarako balio du liburu batek marrazki eta elkarrizketarik ez duenean?”, galdetu zion Aliziak bere buruari. Horrela bada, lore-sorta bat biltzen hasteko zegoen, hartatik altxatzea merezi ote zuen pentsatzen ari zenean, hara non, bat-batean eta bere inguruan begi gorrixkak zituen Untxi Txuri bat jauzi zen. Bere horretan ez zegoen beste munduko gauzarik, eta untxiak “Ene! ene! Berandu iritsiko naiz!” zioela entzutean ere ez zen batere harritu. Baina untxiak txaleko patrikatik erlojua atera, begiratu eta korrika hasi zenean, Alizia salto batez bere atzetik korrika abiatu zen, ez zuen sekula santan txalekoz jantzitako untxirik ikusi, eta zer egiten zuen jakin nahian zelaian zehar untxiaren atzetik jarraitu zuen. Horrela, ikusi ahal izan zuen hesi baten azpian zegoen zulo batetik barrena sartzen. Geroxeago, Aliziak berak joko zuen bide berdinetik barrura, berriro irteterik izango ote zuen gehiegirik pentsatu gabe noski. Hasieran untxiaren gordelekua zuzen-zuzena zen, gero bat-batean beheraka egin zuen, eta Alizia gelditu beharko zuenik pentsa ahal izateko astirik izan gabe, putzu antzeko zulo handi eta sakon batean goitik behera poliki eta emeki amildu zen. Erortzen ari zela, ordea, bere inguruari, begiak zabal-zabalik, so eginaz, han norbait bizi zela konturatu zen. Une batez, pareta haietan zeuden mahai eta armairuetatik zerbait hartzeko asmoa pasa zitzaion burutik, baina berak horrenbeste atsegin zuen Ezti potoa hartzen ez zen ausartu. “Ene bada!”, pentsatu zuen Aliziak, “era honetako erorketa harrigarri baten ondoan eskaileratatik jausteak ez du batere garrantzirik, huskeria bat besterik ez litzateke niretzat. Zein ausarta agertuko naizen besteen aurrean! Nahiz eta teilatutik erori, ez nuke inolaz ere negarrik egingo!” (Eta hala zen, benetan). Behera, behera eta behera. Ez ote zen ba, inoiz amaituko? —Zenbat miliatara jaisten ari naizen jakin nahi nuke —esan zuen ozenki samar—, dagoeneko lurraren zentrotik nahiko gertu izango naiz. Ia ba, oker ez banago, lau mila miliatako sakonean aurkitzen da lurraren zentroa. Dakusazuenez, Aliziak eskolan zenbait gauza ikasiak zituen, baina momentua ez zitzaion egokiena iruditu zekien guztia gogoratzeko, izan ere, entzun ziezaiokeenik ez baitzegoen bertan. Hala ere, errepikatzeari ekin zion errepasorako balioko zitzaiolakoan... —Bai, horixe izango da distantzia... Eta honela jarraitu zuen: —Agian, lur osoa zeharkatuz beste muturrean aterako naiz! Bai interesgarria, buruz behera dabilen jende horren artean agertzea! Orduan, beren herriaren izenaz galdegin beharko diet. Etxekoandre, faborez, Zelanda Berrian, Australian, ... non gaude? Hitzok esanez batera begirune osoz erreberentzia bat egin zuen. Airean zihoan bitartean erreberentziak eginaz! Hau dena gerta daitekeenik uste al duzue? —Haur mukitsu ezjakina baizik ez naiz izango beraientzat! Ez, ez dut ezer esango. Nonbait idatzia egongo da segurutik. Behera eta behera. Ez zuen beste egitekorik, eta ostera hizketan hasi zen. —Dina gaixoa nitaz asko gogoratuko da! (Dina bere katua zen). Te hartzeko garaian bere esneaz gogoratuko direla espero dut. Dina, polita, nirekin hemen behean eduki nahi zintuzket! Airean ez dago arratoirik noski; bada ordea, saguzarren bat edo beste. Baina zuek, katuok, jaten ote duzue saguzarrik? Horrela ari zela, azkenean eta nekaturik zegoenez pixkanaka lo hartzen ari zen. Halako batean ametsetan hasi zen, Dina eskutik hartuta paseatzen ari zela irrika biziaz galdegiten zion: “Dina, egiatan esaidazu, inoiz jan al duzu saguzarrik?”, eta bat-batean, punba!, adaxka eta orbela pila baten gainean aurkitu zen. Erorketa bukatua zen. Ez, ez zuen minik hartu eta berehala altxatu zen lurretik. Goraka begiratu zuen, den dena iluna. Bere aurrean pasabide bat zabalik eta bertatik aurrera zihoan Untxi Txuria ikusi ahal izan zuen. Ez zuen denbora gehiago galtzerik eta haizea bezain azkar korrika hasi zen. Hala eta guztiz, bihurgune batean untxia bistatik galdu zuenean hitzok justu aditu ahal izan zizkion: —Kontxo, kontxo, zein berandu dudan! Bihurgunea pasa eta atari zabal eta baxu xamar batera heldu zen. Gelako sabaitik bonbilla lerrokada bat zintzilik argitan, baina han ez zegoen untxiaren arrastorik. Atariaren inguru guztia atez betea zegoen, Aliziak, denak giltzaz itxirik zeudela ikusi zuenean, gelaren erdi alderantz jo zuen erabat tristaturik, eta nola arraio irtengo zen bera handik, berarekiko galdezka ziharduen. Berriro begirada altxatu zuenean hiru hanka zituen kristalezko mahai baten aurrean aurkitu zen. Gainean urrezko giltza txiki-txiki bat baizik ez zegoen. Berarekin ate guztiak irekitzen saiatu zen, baina alferrik. Edo sarrailak handiegiak ziren, edo bestela giltza txikiegia. Bigarren aldiz probatzean ordea, gortinatxo bat zegoela konturatu zen, eta honen atzean bi eskuko luzera zuen atetxo bat. Urrezko giltza hartu eta sarrailaren zirrikituan ondo sartzen zela ikusitakoan izugarri poztu zen. Aliziak atetxoa zabaldu eta pasabide estu batera ematen zuela frogatu zuen. Belaunikatu, makurtu, eta pasabidearen beste muturrean sumatu dezakezuen lorategirik ederrena ikusi zen. Nolako gogoa zuen gela ilun hartatik aldegiteko eta lorategiko lore koloretsuen eta iturri fresko haien artetik paseo bat egiteko! Baina atearen zulotik burua ere ezin zuen pasa. “Eta nahiz eta burua pasatu, zer?” pentsatu zuen Aliziak, “bizkarra pasa gabe buruarekin soil soilik ezer gutxi egin nezake. Zenbat gustatuko litzaidaken teleskopioaren gisan ni, neu, txikia bilakatzerik banu!”. Izan ere, Aliziari horrenbeste gauza harrigarri gertatu zitzaizkion, eta edozein gauza lortzerik bazuela pentsatzen hasia zen. Ostera mahai ondora nahiko etsita itzuli zen beste giltzaren bat aurkituko zuelakoan edo... oraingoan, aldiz, botilatxo bat aurkitu zuen (“lehen hemen ez zegoena”, esan zuen Aliziak), eta botilaren muturrean hitz handitan inprimaturik paperezko etiketa bat, “EDAN NAZAZU” zioena. Oso ongi dago botilan “EDAN NAZAZU” txartela ipintzea, baina Alizia gaztetxoak ez zuen, hala ere hura berehalakoan edango. “Ez, lehenbizi ikusi egin behar dut”, esan zuen bere baitarako, “ia pozoia delakoaren adierazpenik ba ote duen”. Aliziak ipuin zoragarri asko irakurriak zituen eta berak bazekien ipuin horietan zuhur jokatu behar zuen zenbait haurrek beren hezitzaileek irakatsitakoari kasu ez egiteagatik oso gaizki pasa behar izan zuela. Botila hark ordea, pozoia zela adierazten zuen txartelik ez zeukan, beraz, Alizia hartatik edaten ausartu zen, oso goxoa iruditu zitzaion eta ziztu batean hustu zuen dena. —Nolako zirrara, hau bihotz-ikara! —esan zuen Aliziak—. Teleskopioa bera bezalaxe ari naiz kuzkurtzen. Eta horrela zen, zalantzarik gabe: orain hogeita bost zentimetro neurtzen zuen, eta lorategi harrigarri hartan sartzerik izango zuela pentsatuz aurpegia irribarrez bete zitzaion. Hala ere, minutu batzuetan zain egon zen, ez zuen gehiago kuzkurtu nahi, beldurtua zegoen. “Kandela baten moduan suntsitzen banaiz...”, esan zuen bere baitarako. “Zer gertatuko ote zait?” Azkenik, eta ez zitzaiola ezer gehiago gertatzen ikusiaz, lehenbailehen lorategira joatea erabaki zuen. Baina Alizia gaixoa!, ate ondora ailegatzerakoan urrezko giltzatxoa ahantzi zuela ohartu zen koitadua. Berriro mahaira jo zuenean ordea, bera horren txikia izanik, ezinezkoa zitzaion giltzaz jabetzea. Mahaiaren hanka batetik gora igotzen ahalegindu zen, baina alferrik, irristakorregia zen. Azkenean, etsita lurrean eseri eta negarrari eman zion gaixoak. “Ia ba, neska! Negar egiteak ez du ezertarako balio!”, esan zuen berarekiko. “Negar egiteari bertan behera utzi behar diot!” Aliziak askotan ematen zizkion aholku onak bere buruari (gehienetan beteko ez bazituen ere), bera sarritan bi pertsona desberdin balitz bezala jokatzen atsegin zuen. “Baina orain bi pertsona banintz modutan jokatuz ezer gutxi irabaziko nuke!”, pentsatu zuen koitaduak. “Nahiko zaila gertatzen ari zait bat bakartzat jokatuz!” Geroxeago, lasaitu zenean, bere begiak mahaipean zegoen kristalezko kutxatxorantz zuzendu zituen. Ireki eta barruan “JAN NAZAZU” andere-mahatsez ederki asko idatzirik zeukan opil txiki-txiki bat aurkitu zuen”. Bada... jan egingo dut”, esan zuen, “eta hazi araz- ten banau giltza hartu ahal izango dut, kuzkur arazten banau, aldiz, ate azpiko zirrikitutik pasako naiz. Era batera zein bestera azkenik lorategian sartzerik izango dut, horixe baita azken finean neuk nahi dudana. Mokadutxo txiki bat eman zion eta urduri samar honela galde egin zion bere buruari: “Norantz? Gorantz ala beherantz?”. Aldi berean, eskua buru gainean jarri zuen aldaketa nolakoa zen igartzeko asmoz, eta harrituta gelditu zen lehengo neurria berbera zuela ikusterakoan. Egiaz, egoera normal batean opil bat jateagatik ez da ezer gertatzen, baina Aliziari azken boladan hainbat gauza harrigarri gertatu zitzaizkion... Gauzak horrela, ez zen ez kikildu eta opiltxoa bat-batean irentsi zuen. 2. MALKO PUTZUA Haren harridura! Harri eta zur zegoen Alizia. Inoiz izan den teleskopiorik luzeena bezainbat luzatzen ari zen! —Arraioa, zer deabru ote! —oihukatu zuen (horren harritua zegoen hizketan ere ahaztu egin zitzaiola). Eta beheraka begiratzerakoan bere hankak horren urruti ikusita: —Agur ene oinok! O, hankatxo gaixoak, nork jantziko dizkizue orain zapatak? Nik ezin izango dut! Zuengandik urrutiegi biziko naiz, zuek bakar bakarrik moldatu beharko duzue. “Baina ondo portatu beharko dut beraiekin”, pentsatu zuen Aliziak, “bestela ez naute eraman nahiko nik nahi dudan bidetik! Horregatik eguberriro zapata pare berri bat erregalatuko diet”. “Baina nolako txorakeriak esaten ari naizen!” Une hartantxe bere buruak gelako sabaian jo zuen: hain zuzen, orain bi metro baino gehiago neurtzen baitzuen. Berehala urrezko giltzatxoa hartu eta lorategiko aterantz korrika abiatu zen. Gaixoa! Orain inoiz baino zailagoa zitzaion hartan sartzea: gehienez, lurrean zerraldo etzan eta begi bakar batez so egin zezakeen. Lurrean eseri eta negarrari ekin zion berriz ere. —Lotsatu egin beharko zenuke! —zioen bere kolkorako—. Zu bezalako horren neska handia eta negarretan! Ez dezazula negar gehiagorik egin! Baina malkoak isurtzen jarraitu zuen, eta malko tantak litroka jaurti zituen, bere inguruko gela erdia estali arte, era horretan hamar zentimetroko hondoa zuen putzu bat osatu zuen. Denbora gutxi barru bere inguruan hots bat aditu zuenean begiak zabaldu zituen. Hara non zetorren atzera Untxi Txuria, dotore asko jantzita, honela zioen bitartean: —Ai! Dukesa, Dukesa! Haserretu egingo zait itxoin arazten badut! Alizia, horren etsita zegoenez, untxiari laguntza eske hurreratu zitzaion: —Jauna, faborez... Untxia izugarri beldurtu zen, eta dardarak eraginda eskularru txuriak eta abanikoa lurrera erori zitzaizkion; segituan korrika alde egin zuen iluntasunean galduz. Aliziak abanikoa eta eskularruak bildu zituen. Jauna, jauna! Atzo dena normala zen eta gaur zein gauza harrigarriak gertatzen ari zaizkidan! Zenbat gustatuko litzaidakeen nire lagun guztiak ikustea! Honen aspertua nago hemen behean bakar bakarrik egotez! Hitz horiek esatean, bere eskuetara begiratu zuen, eta untxiaren eskularru txuri haietako batean eskua sartu ahal izan zuela konturatu zen. —Arranopola! Nola lortu ote dut? Berriro txikia bilakatu al naiz? Zutitu eta mahaiaren ondoan tente jarri zen, ez zuen hirurogei zentimetro baino gehiago neurtzen, eta oraindik txikiagoa bihurtzen ari zen. Orduantxe konturatu zen abanikoaren eraginez gertatzen ari zitzaiola hura; bat-batean abanikoa laga zuen erabat desagertu baino lehen. —Hauxe hau eskapada!, eskerrak ez naizela desegin! Eta orain lorategira, ala! Aterantz joan zen korrika. Baina, ai!, atetxoa oraingoan ere itxita zegoen eta urrezko giltza, lehen bezala, kristalezko mahai gainean. “Gauzak inoiz baino okerrago daude!”, pentsatu zuen. “Izan ere, ez naiz sekula orain naizen bezain txikia izan!” Gauza hauek guztiak esaten ari zela, bere hanka bat irristatu egin zen eta handik segundo batera, txap! ur gazian leporaino murgildua aurkitu zen. Hasieran itsasora erori zela pentsatu zuen. Baina berehala konprenitu ahal izan zuen ia hiru metro neurtzen zituenean egindako negarretan isuritako malko putzua zela. —Hobe nukeen hainbeste negar egin izan ez banu! —esan zuen Aliziak, putzutik atera nahiz igerian jo eta ke ari zen bitartean—. Hau bai dela gogorra, neure malkoetan ito behar! Benetan gauza arraroa hauxe! Baina gaur dena da harritzekoa. Aldi berean, hots batzuk aditu zituen putzuan bertan; bere aldamenean norbait zebilen zalantzarik gabe, hasieran hipopotamo ala mortsa bat zela pentsatu zuen, baina gero bera zein txikia zen gogoratu zuen eta bera bezala putzura eroritako arratoi bat zela ohartu zen. —Mereziko al du arratoiari hizketan egitea? Hemen behean dena hain harrigarria da, ez ninduke batere harrituko hitz egingo balu ere. Dena den, eta ez bada mintzatzen ere ez dut deus ere galduko. Eta honela hasi zen: —O, Arratoi jauna, ba al dakizu nola irten gaitezkeen putzu honetatik? Igerian alde batetik bestera ibiliaz oso nekatuta nago, esaidazu nola, Arratoitxo hori? Alizia ez zen beste inoiz tankera honetako egoera batean aurkitu; hala ere, arratoiarengana hitz onetan eta begirune osoz zuzendu zela uste zuen. Arratoiak begiratu egin zion, eta begi batez keinuka ari zitzaiola iruditu zitzaion, baina ez zion tutik ere esan. “Behar bada, ez da ingelesez mintzatuko”, esan zuen Aliziak, “arratoi frantses bat izan daiteke”, eta honela jarraitu zuen: —Ou est ma chatte? Bera ikasten ari zen frantses liburuko lehen esaldia zen hura. Arratoiak egundoko saltoa eman zuen uretan, izurde bat bailitzan, dardarak burutik hanketaraino. —Otoi, barka nazazu! —oihukatu zuen azkarki Aliziak—. Katuak ez dituzula batere maite ahaztuta neukan. —Ez zaizkit, ez gustatzen! —esan zuen arratoiak ahots zorrotz eta grinatsu batez—. Zuk atseginak izango al zenituzke katuak, zeu ni izango bazina? —Beharbada ez —esan zuen Aliziak lasaitu nahian—. Horregatik ez zaitez haserretu. Hala eta guztiz, Dina, nire katua ezagutu beharko zenuke. Hura ikusi orduko katuak maitatzen hasiko zinateke. Zein polita eta goxoa den... eta arratoiak harrapatzen zein trebea den... O, barkatu, faborez! —esan zuen berriro Aliziak. Oraingoan arratoiari hileak nabarmenki harrotu zitzaizkion, benetan oso haserre zegoela zirudien—. Ez dugu gehiago Dinaz hitz egingo, zuk ez baduzu nahi behintzat. —Hitz egingo dugula diozu! —erantzun zion arratoiak, isatsa bera ere dardarak zuela—. Gai horretaz mintzatuko naizela uste baduzu, zaude lasai! Gure familia honek betidanik gorrotatu izan ditu katuak: pizti nazkagarri eta higuingarri horiek! Ez dut ostera hitz hori entzun nahi ere! —Ez dut aurrerantzean aipatuko! —ihardetsi zuen Aliziak elkarrizketa gaia aldatu nahian—. Zuk... arratoitxo... zuk zakurrak maite al dituzu? Arratoiak ez zuen txintik ere esan eta Aliziak honela jarraitu zuen: —Gure etxe ondoan oso txakur polit bat bizi da, zuk ezagutzea nahiko nuke! Begi distiratsuak eta hile gorri luzea duen terrier txiki bat duzu. Urrutira egur mutur bat bota eta berak segituan atzera ekartzen dizu, eta janaria eskatzeko garaian bi hanka gainean esertzen da... Eta, badakizu, baserritar batena da, baserritarrak beretzat lagun handia dela dio eta ez lukeela ehun liberatan ere salduko. Arratoi guztiak akabatzen omen ditu eta... Ene zer esan dut! Berriro haserrarazi zaitudalakoan nago! Arratoia hura entzutean zeharo amorraturik Aliziarengandik aldendu zen. Alizia erabat penaturik bere atzetik zihoala goxo goxoki hots egiten zion: —Arratoitxo, arratoitxo maitea! itzul zaitez hona, ez gara inoiz katuei eta zakurrei buruz mintzatuko! Hori aditu zuenean, arratoiak buelta eman zuen eta igerian poliki-poliki Aliziarengana hurbildu zen. Aurpegia zurbildua zeukan eta ahots dardaratsu batez hauxe esan zuen: —Goazen lehorrera, eta han nire historia kontatuko dizut, orduan konprenituko duzu zergatik gorrotatzen ditudan horrenbeste katu eta zakurrak. Hau dena gertatzen zen bitartean putzua animaliaz bete zen. Alizia irten zen aurretik, eta bere atzetik lerratuz talde guztia lehorreratu zen. 3. LASTERKETA EROA ETA HISTORIA LUZEA Putzu ertzean bildu zen talde osoa: hegaztiak luma zikinez eta beste animaliak hezurretaraino blai eginda deseroso eta umore txarrean kexu zeuden. Lehenengoz, lehortzeko modua asmatu behar zuten beraien artean eztabaidatuz. Elkarren arteko solasaldiak luzeak izan ziren. Azkenean arratoiak, itzal eta aginterik handiena zeukana izanik, deiadar egin zien: —Eseri eta entzun iezadazue denok! Neroni kasu egiten badidazue istant batean lehortuko zarete! Biribil bat osatuz eseri ziren Arratoia erdi-erdian gelditzen zelarik. Alizia arretaz zegoen berari begira, berehalakoan lehortzen ez bazen izugarrizko katarroa harrapatuko baitzuen. —Ejem! —egin zuen Arratoiak bere buruari garrantzi gehiago eman nahian edo—. Prest al zarete? Hauxe duzue nik ezagutzen dudan historiarik iharren eta lehorrena. Ixo, faborez! Gilen Konkistatzailea, Aita Santuaren laguntzaz, ingelesek aukeratua izan zen beren buruzagi izan zedin. Mercia eta Northumbriako dukeak... —Uf! —karraskatu zuen Loritoak hotzikaraz. —Barkatu —esan zion Arratoiak, kopeta zimurtuz eta gizabide osoz—. Zerbait al zenioen? —Nik ez! —ihardetsi zuen agudo asko Loritoak. —Ba... iruditu zait baietz. Eta historiaren hariari heldu zion berriro: —Mercia eta Northumbriako dukeak Canterburyko artzapezpiku abertzalearen alde jarri ziren, berak hori ongi aurkitu zuen... —Zer zen aurkitu zuen “hori”? —itaundu zuen Ahateak. —“Hori” aurkitu zuen eta kito —erantsi zuen Arratoiak haserre samar—. Zerorrek jakin badakizu “hori” hitzak zer esan nahi duen, ezta? —Noski badakidala! —esan zuen Ahateak marmarrez—. Nik zerbait aurkitzen dudanean harrak edo igelak izaten dira. Orain artzapezpikuak aurkitu zuena zer zen jakin nahi dut. Arratoiak, entzungor egin zion eta bere historia kontatzen aurrera jarraitu zuen: —Egokia aurkitu zuen eta Gileni koroa eskaintzea erabaki... Zer moduz zaude orain, Alizia? —Lehen bezain bustia —erantzun zuen Aliziak malenkoniatsu—. Historia hau oso lehorra da, zalantzarik gabe, baina ni ez nau ezertxo ere lehortzen. —Orduan —esan zuen Dodoak aho batez, zutitzen zen aldi berean—, sesio-aldi honetan saiheste bati ekin diezaiogula eta sustraitik erremedio erradikalagoa onartzera aurki pasa gaitezela proposatzen dut... —Mintza zaitez argi! —protestatu zuen Arranoxkak—. Hitz harroputz horietatik erdiak ere ez dakit zer esan nahi duten, eta, areago, zuk ere ez dakizula uste dut! Eta bere irribarrea ezkutatzeko asmotan burua makurtu zuen; beste txori askok ordea, barre egin zuten batere disimulurik gabe. —Nik esan nahi nuena —jarraitu zuen Dodoak haserre—, lehortzeko onena Lasterketa Ero bat egitea dela duzue. —Zer da Lasterketa Ero bat? —galdegin zion Aliziak. —Bo, zer den adierazteko modurik egokiena Lasterketa egitea da. (Eta zuetatik inork noizbait Lasterketa Ero bat egin nahiko balu, honatx nola antolatu zuen Dodoak, ikus zertan zetzan.) Lehenbizi pista bat marraztu zuen, biribila gutxi gora behera. Gero, bakoitza nahi izan zuen lekuan kokatu zen, eta era berean, bakoitzari egokien zetorkion garaian hasi eta bukatu zuen, beraz, lasterketa noiz amaitzen zen jakitea ez zen gauza oso erraza. Hala ere, handik ordu erdi batera gutxi gora behera, lehorturik zeudenean Dodoak bat-batean deiadar egin zuen: —Lasterketa amaitu egin da! Eta denok arnaska inguratu zitzaizkion galdezka: —Baina nork irabazi du? Dodoak ezin zuen, ongi pentsatu baino lehen, erantzun bat eman eta luzaro egon zen pentsakizunetan erabakia hartzeko, besteak isil isilik zeudelarik. Eta azkenik: Eta denak Aliziaren inguruan bildu ziren oihuka: —Sariak! Sariak! —Denok gara garaile, denok merezi dugu saria. —Baina nork banatuko ditu sariak? —galdegin zuten guztiek aho batez. —Ba berak, noski —esan zuen Dodoak, Aliziari begiratuz. Aliziak ez zekien zer egin, eta eskua patrikan sartu zuen, goxoki zorro bat aurkitu zuen eta denen artean banatu zituen. —Baina berak ere merezi du sariren bat —esan zuen Arratoiak. —Noski baietz —onartu zuen Dodoak, eta, berarengana hurreratu zen, honela galdegiten ziolarik—: Zer gehiago duzu poltsikoan? —Titare bat bakarrik —Aliziak. —Ea titare hori? —Dodoak. Denak inguruan pilatu ziren, Dodoak itzal handiko hitz hauek esanaz titarea eskaintzen zion bitartean: —Titare dotore hau har diezaguzula erregutzen dizugu. Eta mintzaldi labur baten ondoren guztiok gogotik txalotu zuten. Goxokiak jan izan zituztenean berriro biribil bat osatuz lurrean eseri ziren eta Arratoiari beste historia bat kontatzeko eskatu zioten. —Zure bizitza kontatuko zenuela agindu zenidan, gogoratzen al zara? —itaundu zion Aliziak. —Oso errealitate latz eta luzea arrastatzen dut ene atzetik! —oihukatu zuen Arratoiak, Aliziarengana zuzenduz eta hasperen triste bat eginez. —Egia da, arrastaka daramazun isatsa luzeegia baituzu —esan zuen Aliziak Arratoiaren isatsari so eginez—, baina zergatik diozu latza dela? Eta Alizia horren sinetsita zegoen Arratoia bere isatsari buruz mintzo zela, historiak beste era bateko itxura hartu zuela bere irudimenean: Arratoia altxa eta joan egin zen. —Nahi gabe izan da! —oihukatu zuen Alizia gaixoak. Eta zu horren erraz haserretzen zara! Arratoiak aurrera jarraitu zuen ezer erantzun gabe. —Itzuli hona, faborez, eta bukatu zure historia —deiadar egin zion Aliziak bere atzetik zihoala. Eta beste animalia guztiek berarekin batera oihukatu zuten: —Bai, zatoz, faborez! —Ez didazu kasurik egiten! —protestatu zuen Arratoiak—. Zertaz ari zara pentsatzen? —Faborez, ez zaitez haserretu —esan zuen emeki Aliziak—. Oker ez banago, bosgarren buelta ematen ari zara. —Ez horixe! —garrasi bizian Arratoiak—. Zer bueltataz ari zara? Nitaz barre egiten ari zara eta tontakeriak besterik ez dituzu esaten! Baina Arratoiak bere burua alde batera eta bestera mugitu eta pausua estutu egin zuen. —Hau pena! —esan zuen Loritoak, Arratoia urrutian galdu zenean. Orduan, Karramarro atso batek alabari aholku bat eman zion gisa honetan: —Ai, alaba maitea! Horrela, ikas dezazula zure jenio txarraren menpe ez erortzen! —Ixo ama, isildu aho hori! —protestatu zuen gogorki karramarrotxoak—. Ostra baten pazientzia ere agortzeko kapaz zara eta! —Hobe Dina hemen gurekin balego! —esan zuen ozenki Aliziak—. Berak berehala ekarriko liguke Arratoia! —Galde egin badaiteke, bederen, zein da Dina? —jakin nahi izan zuen Loritoak. Alizia oso gustura mintzatzen zen bete katuaz, eta poz handiz erantzun zion: —Dina gure katua da. Ez dakizue zein iaioa den arratoiak harrapatzen! Zoragarria da! Txorien atzetik korrika nola ibiltzen den ikusiko bazenute...! Txoritxo bat ziztu batean bereganatzen du! Hitz hauek, bere inguruan zeuden abereen artean izugarrizko zirrara izan zuten. Txori batzuek segituan handik hegaka alde egin zuten. Eta pixkanaka-pixkanaka batzuek aitzakia batekin eta besteak beste batekin denak urrundu ziren. Alizia bakardade gorrian utziaz. —Hobe Dinaz mintzatu izan ez banintz! —esan zuen tristuraz—. Hemen nire katua ez du inork maite, hala ere, niretzat munduko katurik maiteena da! Ai, Dina maitea! Ikusiko ote zaitut berriro? Alizia gaixoa berriz negarretan, horren bakarrik zegoen... Handik minutu batzuetara oin hots batzuk aditu zituen, eta atzera zetorren Arratoia zela pentsatuz begirada altxatu zuen. 4. UNTXIAREN ETXEA Jauzika zetorren Untxi Txuria zen, bazter guztietara begira zetorren, galdutako zerbaiten bila balebil bezala. Aliziak bere marmarrak ere entzun zituen: —Dukesa! Dukesa! O, zer gertatuko ote den nitaz! Lepoa moztuko dit! Hilarazi egingo nau! Non deabru galdu ote ditut? Non? Non? Aliziak berehala konprenitu zuen abaniko eta eskularru txurien bila zebilela, eta lan horretan lagundu nahian bera ere txoko guztietan miatzen hasi zen, baina ez zuen arrastorik aurkitu. Dirudienez, bera putzura erori zenetik dena aldatua zen. Kristalezko mahaia, atetxoa eta ataria bera ere desagertu baitziren. Untxiak Alizia alde batetik bestera abanikoa eta eskularruen bila zebilela ikusitakoan oso haserreturik oihu egin zion: —Mary Ann, zer deabrutan ari zara hemen! Zoaz etxera eta ekarri itzazu abanikoa eta eskularru txuri pare bat! Agudo! Alizia oso izuturik, beste pertsona batez hartu zuela esatera ausartu gabe, berak adierazitako bidetik korrika abiatu zen. Etxe polit batera ailegatu zen, atean brontzezko xafla batean “U .TXURIA” idatzia. Alizia deitu gabe sartu zen eta egiazko Mary Annekin topatzeko beldur handiz eskaileratan gora korrika jarraitu zuen. Abanikoa eta eskularruak aurkitu behar zituen handik inork bidali baino lehen. —Zein gauza harrigarria —esan zuen Aliziak—, ni untxi baten aginduak betetzen! Hau ikusita, Dinak ere agindu nazake!, baina beldur naiz Dina niri aginduak ematen hastekotan ez duen gure etxean luzarora iraungo. Gela txikitxo batera heldu zen, berau oso txukuna, leiho ondoan zegoen mahai gainean, espero zuen bezala, abanikoa eta bizpahiru eskularru txuri txiki pare aurkitu zituen, Abanikoa eta eskularru pare bat hartu eta gelatik ateratzera zihoanean mahaiko ispiluaren gertu zegoen botilatxoaz erreparatu zen. Oraingo honetan ez zuen bestetan bezala “EDAN NAZAZU” idatziriko txartelik. Nolanahi ere ezpainetara eraman zuen. —Edaten badut ziur nago handiaraziko nauela, aspertuta nago honen txikia izanik —esan zuen. Bai handitu zela! Eta nola! Uste zuen baino gehiago. Botila erdia edan baino lehen buruaz sabaian jo zuen. Botilatxoa bertan behera utzi zuen esanaz: —Bale, bale, nahikoa da! —nahikoa ez, gehiegi zen, ezin baitzuen atetik pasa—. Hobe horren azkar edan izan ez banu! Zoritxarrez beranduegi zen! Luzatzen eta luzatzen jarraitu zuen, eta segituan belaunikatu behar izan zuen, geroxeago lurrean etzanda jarri behar izan zuen bestela ez baitzen kabitzen. Baina oraindik hazten jarraitzen zuen eta hanka bat tximiniatik eta besoa leihotik atera behar izan zituen: —Dagoeneko ezin dut ezer gehiagorik egin. Aurrerantzean zer gertatuko ote zaidan ez dakit! Zorionez botilatxo hartako edari miragarriaren eragina amaitu zen, eta ez zen gehiago handitu. Dena den, oso egoera txarrean gelditu zen, ez zen handik sekula santan irtengo. Askoz ere goxoago egon ninteke nire etxean. Han behintzat, egunak untxi eta arratoien agintepean kuzkurtzen eta ostera handitzen ez nituen emango. Horrela, berriketan ziharduela etxe ingurutik zetorren ahots bat aditu zuen. —Mary Ann! Mary Ann! —zioen ahots horrek—. Ekar iezazkidazu segituan nire eskularruak! Gero eskaileratako oin hotsak nabarmendu ziren eta bila zetorkion Untxia zela konturatu zen. Untxia gelako ate aurrera iritsi zen eta ireki nahi izan zuen, baina ezin, atea barru aldera zabaltzen zen eta Aliziak ukondoa haren aurka estuturik zeukan mugitu ezinik. Aliziak marmarka ari zela aditu zuen: —Ba orduan bestaldetik joan eta leihotik sartuko naiz. —Horixe bai ezetz —pentsatu zuen Aliziak. Gero zain egon zen Untxia leihopean zegoela sumatu arte. Orduantxe eskua zabaldu zuen zerbait harrapatzekotan. Ez zuen ezer heldu, baina garrasi baten ondoren kristal puskatuen hots zalapartak aditu zituen, Untxia negutegi horietako baten gainean erori zen, dudarik gabe. Geroxeago, oso haserre zegoen Untxiari hitzok entzun zizkion: —Pat! Pat! Non demontre sartu zara! Non! Aliziak ezagutzen ez zuen beste ahots batek erantzun zion: —Hementxe nago, jauna! Zerorren baimenaz aitzurrean! —Aitzurrean! Nik behar zaitudanean zu beti aitzurrean! —arrapostu zion Untxiak haserre bizian—. Zatoz oraintxe hona! Eta lagun nazazu estutasun honetatik airoso irteten! Kristal hautsien zarata berriro. —Esaidazu, Pat, zer da leihoan dakusazun hori? —Hori beso bat da, jauna. —Beso bat? Hori ez dakit, baina zu astakirten bat zarela hori badakit. Nork ikusi du inoiz tamaina horretako beso bat? Leiho guztia betetzen du ordea! —Horixe betetzen duela, jauna! Baina hala eta guztiz beso bat da! —Dena den, nahiz gauza bat zein beste izan ez du nire leihoan zergatik egon behar. Zoaz eta kendu ezazu hortik! Isilune luze bat izan zen. Azkenik, Aliziak berriro zabaldu zuen ukabila, eskua airean mugituz zerbait harrapatzekotan edo. Oraingoan, bi garrasi eta kristal hautsi gehiagoren zarata entzun zen. “Zenbat kristalezko negutegi ote daude hor behean!”, pentsatu zuen Aliziak. “Zer arraiotan ari ote dira orain!” Minutu batzuetan zain egon zen ezer gehiago aditu gabe. Azkenean orgatxo baten kirrinka eta bertako lagun arteko elkarrizketa entzuterik izan zuen: “Non dago beste eskailera?... Niri bat ekartzeko esan didate; baina bestea Billek izango du... Bill! Mutiko, ekar ezazu eskailera hori hona!... Hemen, laga itzazue kantoi honetan... Ez, lehenbizi bata besteari lotu... Horrela erdiak ere ez dira ailegatuko... Noski helduko direla... Zatoz hona, Bill, heldu soka honi!... Teilatuak eutsiko al du honen pisua?... Kontuz teila askatu horrekin!... E, erori egingo dela!... Kontuz buruarekin!”. Une honetan burrunbada beldurgarri bat. “Ia, nor izan da?... Uste dut Bill izan dela... Tximiniatik nork jaitsi behar du?... Nik? Bai zera. Jaitsi zaitez zu!... Ni ezta pentsatu ere! Billek jaitsi beharko du... Zatoz hona, Bill! Nagusiak tximiniatik jaitsi behar duzula dio!”. —Bill, gizagaixoa! Lan arriskugarrienak berari ezartzen dizkiote! —esan zuen Aliziak—. Ez nuke bere egoeran aurkitu nahi neure burua: tximinia hau estu samarra da, baina bertan ostikada bat emateko modurik badago. Aliziak hanka ahal izan zuen guztia tximinian barrena sartu eta aberetxoa iritsi arte itxoin egin zuen. Heldu zenean: “Hemen dago Bill” zioen bitartean, ostikada ikaragarri bat eman zuen. Hauxe izan zen lehenbizi entzun zuena: “Hor doa Bill!, kanpoan zeuden guztiok batera esana, eta gero Untxiaren ahots bakarra: “Jaso ezazue! E, zuek! Hesiaren ondoan zaudetenok!” Isilune bat eta berriro lagun guztion ahots nahasiak: “Altxa egiozue burua... Eman trago bat... Ez dadila ito... Zer gertatu zaizu, lagun?.., Konta iezaguzu dena!” Orduan ahots ahul bat entzun zen; Aliziak Billena izango zela pentsatu zuen: —Beno, gogoratzen dudan gauza bakarra norbaitek ehunka kolpea eman eta airean goraka irten naizela trapuzko panpina bainintzen! —Bai, bai, adiskide! Hori ikusia dugu! —esan zuten beste guztiek. —Etxea erre egin behar dugu! —esan zuen Untxiak. Eta Aliziak hori aditutakoan bere indar guztiz oihu egin zuen: —Erretzen baduzue, Dina zuen aurka jaurtiko dizuet! Isiltasun beldurgarri batek menderatu zuen inguru guztia, eta Aliziak berarekiko honela pentsatu zuen: —Zer egingo ote dute orain? Bizpahiru minutu iragan eta gero denek lanari ekin zioten berriro, eta Aliziak Untxiak esaten zuena aditu zuen: —Orga batekin nahikoa izango dugu hasteko. —Zeren orgakada ote? —pentsatu zuen Aliziak. Zerena zen jakiteko ez zuen denbora luzean itxoin beharrik izan. Leihotik barrena harri koxkor pila bota zituzten eta batzuek bete betean aurpegian eman zioten. —Berehala kikilduko ditut nik horiek —esan zuen bere baitarako, eta aditzeko moduan hauxe erantsi zuen—: Hobe duzue bertantxe geldirik egotea! Berriz isildu ziren denak. Alizia harriturik gelditu zen harriak gailetak bilakatzen ari zirela ikustean. “Gaileta hauetako bat jango banu”, —pentsatu zuen—, seguru nago tamainaz aldatuko naizela. Eta gehiago handitzerik ez dudanez gero kuzkurarazi egin beharko nau nahi eta nahi ez”. Gaileta bat jan eta kuzkurtzen hasi zela ikusi zuen pozez. Atetik igarotzeko nahiko txikia zela iruditu zitzaionean etxetik kanpora irten zen korrika, kalean aberetxo eta txori talde handi samar bat bere zain zegoela topatu zuen. Alizia azaldu zen bezain pronto denak beregana jo zuten harrapatu nahian. Baina Alizia bere indar guztiz korrika hasi eta laster basoan ezkutatu zen. — Lehenbizi egin behar dudana —esan zuen Aliziak, basoan zehar zihoan bitartean— berriz luzatzea da, nire betiko tamaina izan arte. Eta bigarrenik, lorategi hartan sartzeko modua aurkitu. Ekintza oso interesgarriak ziren eta egin beharrekoak gainera, baina ez zekien nondik hasi, ez zekien nola burutu. Horretan zetzan kakoaren larria. —Ikus dezagun: berriro handitzeko zer egin beharko ote dut? Agian, zerbait jan ala edan, baina “zer”? honatx auzia! Arazorik larriena “zer?” hori zen. Aliziak inguruan hostoak eta belarrak besterik ez zituen ikusi, baina eginkizun honetarako ez zirela oso jaki egokiak pentsatu zuen. Hurbil samar ordea, berak bezalako luzera zeukan perretxiko bat aurkitu zuen. Perretxikoaren zuztarrean eta bere albo guztietatik begiratu zuenean gaineko txapelean zer zuen begiratzea ere erabaki zuen. Behatz muturretan zutik jarri eta bere begiak perretxikoaren txapela gainean eserita zegoen beldar urdin baten begiekin topatu ziren. Beldarra pipa luze batetik erretzen ari zen inori inolako kasurik egin gabe. 5. BELDARRAREN AHOLKUAK Beldarra eta Alizia isil isilik elkarri begira denbora luzez egon ziren; azkenik Beldarrak pipa ahotik kenduz honela esan zion neskatilari. —Nor zara zu? Ez zen hau elkarrizketari hasiera emateko oso modu eraginkorra. Aliziak beldurti samar erantzun zion. —Une honetan, ia zer naizen ere ez dakit, andere... Gaur goizean esnatzean nor nintzen badakit, baina ordutik hona hainbat aldiz aldatu naiz... —Zer esan nahi duzu? —galdegin zion Beldarrak zorrozki—. Ea, zeure burua argitzen duzun! —Beldur naiz argitzerik ez ote dudan izango, andere —esan zuen Aliziak—, ikus dezakezuenez ni ez bainaiz neu. —Nik ez dut ezer ikusten —protestatu zuen Beldarrak. —Beldur naiz argi eta garbi azaltzerik ez ote dudan izango —esan zuen maiteki Aliziak—, neronek ere ez baitut konprenitzen egun batean bakarrik pertsona bat tamainaz hainbat aldiz alda daitekeenik, eta hau dena nahiko harrigarri gertatzen da. —Ez da ezer gertatzen —erantzun zuen Beldarrak. —Beharbada, zuk ez duzu inoiz horrelakorik sentitu —esan zuen Aliziak—, baina edozein egunetan krisalida eta geroago mitxeleta bihurtzen zarenean ikusiko duzu zein harrigarria iruditzen zaizun. —Ez dut uste —aitortu zuen Beldarrak. —Beno, beharbada zure sentimenduak eta nireak berdinak ez direlako edo... Baina niretzat oso harrigarria izan da dena. —Zuretzat! —esan zuen Beldarrak mespretxu handiz—. Eta nor zara zu? Honela berriz elkarrizketari hasiera emanaz. Alizia, bestalde, nazkatua zen haren erantzuteko moduaz eta gogorki esan zion: —Zerorrek nor zaren esan beharko zenidakeela uste dut. —Zergatik? —galdetu zuen Beldarrak. Erantzuteko galdera aldrebesa zen, erantzun jatorrik bururatzen ez zitzaionez eta Beldarrak bere jokaera antipatikoa aldatzen ez zuenez, Aliziak alde egiteko asmoz gibela eman zion. —Zatoz hona! —hots egin zion Beldarrak atzeko aldetik—. Gauza garrantzitsu bat esan behar dizut! Bazirudien orain serio mintzo zela eta Alizia atzera bueltatu zen. —Zaindu ezazu jenio txar hori! —Hori al da dena? —itaundu zion Aliziak, bere amorru guztia ahal zuen ongien ezkutatuz. —Ez —esan zion Beldarrak. Aliziak beste egitekorik ez zuen, beraz, itxoitea erabaki zuen. Minutu batzuetan Beldarrak erretzen jarraitu zuen, azkenean besoak zabalduz honela esan zuen: —Orduan zuk aldatu egin duzula uste duzu, ezta? —Uste dut baietz, andere. Lehen nekizkien gauza askoz ez naiz gogoratzen, eta hamar minutu ez dira pasatzen ni neurriz aldatu gabe. —Zein gauzaz ez zara gogoratzen? —Biderketa taulaz, Europako hiriburuen izenez..., denak alderantziaz esaten ditut! —erantzun zuen tristeki Aliziak—. —Hori ez dago ondo —erantzun zuen Beldarrak. Eta minutu batzuetan biak isilik egon ziren. Gero Beldarra bera hasi zen berriz hizketan. —Nolako luzera izan nahiko zenuke? —Ez dakit —esan zuen azkar Aliziak—. Baina ez dut nahi beti neurriz aldatzen ibili. —Pozik al zaude orain daukazun tamainaz? —galdetu zion Beldarrak. —Beno, luzexeago nahi nuke izan, zerorrek axolarik ez baduzu. Zazpi zentimetro honen gutxi dira! —Luzera oso egokia duzu hori! —erantzun zuen Beldarrak haserre bizian, gorputza ahal zuen guztia luzatuz (zazpi zentimetro neurtzen baitzuen horrela). —Baina ni zazpi zentimetrotako luzera izaten ez nago ohituta! Zergatik haserretzen zarete denok horren erraz nirekin? —Ohituko zara —esan zuen Beldarrak, berriro pipa ahoan sartuz. Alizia eraman handiz zain gelditu zen oraingoan ere. Hiruzpalau minututara Beldarrak pipa ahotik atera eta aharrausika perretxikotik jaitsi zen belarretara zihoala honela esanaz: —Alde batetik hazi, eta bestetik kuzkurtu. —Zeren? alde batetik. Zeren? bestetik —esan zuen bere golkorako Aliziak. —Perretxikoaren aldeetatik —esan zuen Beldarrak, neskatilak ozenki galdegin izan balio bezala. Eta berehala belar artean galdu zen. Alizia pentsakor gelditu zen, perretxikoaren alde horiek zeintzuk izan zitezkeen jakin minez, baina hain biribila zen, ze arazoa ez zen batere erraza. Azkenean, besoak luzatu zituen perretxikoaren inguruan eta esku bakoitzean zatitxo bana hartu zuen. —Eta orain —esan zuen—, zein izango da zein? Eskuineko zatiari mokadutxo bat eman zion eta kokotsean kolpe handi bat sentitu zuen. Bere kokotsak oinetan jo zuen! Beldurtu egin zen aldaketa nabarmen harekin, gehiegi kuzkurtu zen, lehenbailehen beste zatitxotik jan behar zuen, ezin zuen denborarik galdu. Baina masailezurra oinetan horren estutua zeukan ze ahoa zabaltzea asko kostatu zitzaiola, zabaldu zuenean ezkerreko eskuan zuen perretxiko zati- txotik mokadutxo bat irentsi zuen. —Ene, azkenean libre daukat burua! —esan zuen Aliziak lasaiturik. Baina lasaitasuna urduritasun galanta bilakatu zen berehala; bere bizkarra ere ez zuen ikusten: beheraka begiratuz lepo luze-luze bat besterik ez zuen ikusten. —Non ote dago nire bizkarra! —esan zuen Aliziak—. Eta nire eskutxoak, ezin zaituztet ikusi! Bere eskuak bururaino igotzerik ez zuenez gero, burua jaistea erabaki zuen, eta harrituta ikusi zuen zein erraz tolestatzen zuen lepo luze hura edozein direkziotan suge baten moduan. Burua zuhaitzen gainetaraino makurtzea lortu zuen sigi-saga batean, txistu zorrotz batek burua atzealderantz mugitu arazten zion bitartean. Bere bururantz zetorren Uso handi bat zen. Usoak hegalez gogorki jo zuen aurpegian. —Sugea! —oihukatu zuen Usoak. —Ni ez naiz sugea! —protestatu zuen Aliziak haserre—. Eta utz nazazu bakean! —Suge nazkagarria! —jarraitu zuen Usoak, baina ez horren konbentzitua eta zinkurinetan erantsi zuen—: Era guztietan saiatu naiz eta ez dut inoiz ondore onik lortu! —Ez dakit zertaz ari zaren mintzazen —esan zuen Aliziak. —Zuhaitzen sustraietan, ibai ibarretan, itsasbazterretan, eta hesietan, denetan saiatu naiz —jarraitu zuen Usoak, Aliziak zioenari kasurik egin gabe—. Baina sugeok beti atzetik! Ezin beren hatzaparretatik libratu! Usoari bere bakarrizketa hura bukatzen uztea zela onena pentsatu zuen Aliziak. —Berez arrautzak txitatzea nahiko lana ez balitz —esan zuen Usoak—. Gainera sugeetatik zaindu behar gau eta egun! Hiru astetan lo hartu ezinik nago! —Benetan sentitzen ditut zure nahigabeak eta atsekabeak —esan zuen Aliziak, Usoaren hitzen esan nahia konprenitu zuenean. —Eta hain zuzen, basoko zuhaitzik gorenena hautatua dudanean —jarraitu zuen Usoak, ahotsa garrasi batean zorroztuz—, eta hain justu beraietatik libre nagoela uste dudanean, hara non datorkidan bat zerutik behera! Suge nazkagarriak! —Baina ni ez nauzu suge bat. Ni... Ni... —Beno, zer zara zu, ba?—esan zion Usoak—. Ea zer arraio asmatzen duzun orain! —Ni... Ni neskatxa bat naiz —esan zion Aliziak, zalantzaz beterik. —Zoaz, nahi baduzu, beste batengana ipuin horrekin! —erantzun zion Usoak, era arbuiagarrian—. Neskatxa asko ditut ikusiak, baina ez dut inoiz zuk duzun bezalako lepoa duenik ikusi! Ez, ez! Sugea zara zu, eta alferrik zabiltza ukatu nahian! Orain, zeure bizitza guztian ez duzula arrautzarik jan esango didazu, noski! —Arraultzak jan ditut, bai, behin baino gehiagotan —baieztatu zuen Aliziak, ez baitzuen gezurrik esaten—. Baina neskatxek ere arrautzak jaten ditugu ordea. —Ez dut uste —esan zuen Usoak—, baina egia balitz arrautzak jaten dituzuela, sugearen familiakoak zaretelako da eta kito. Horren ideia harrigarri eta berria zen hura Aliziarentzat ze mututurik gelditu zen, eta horrela Usoak marmarka jarraitzeko aukera izan zuen: —Arrautzen bila zabiltza! Ondotxo dakit nik hori! Hartaz, berdintsu zait sugea ala neskatxa izatea! —Ba, niri ez zait berdin! —aitortu zuen Aliziak—. Eta gainera jakin beharko zenuke ez nabilela arrautzen bila, zureak ez nituzke jango: gordinik ez baitzaizkit batere atsegin. —Orduan, zoaz hemendik —esan zuen Usoak, habiara zihoan bitartean. Aliziak zuhaitzen artean murgildu zuen burua. Handik puska batera, perretxikoaren zatiak berekin zituela gogoratu zuen eta batzuetan bati, besteetan besteari mokadutxoak emanaz ihar- dun zen; batzuetan luzatuz, bestetan kuzkurtuz. Azkenean bere betiko tamaina izan eta hasieran arraro samar gertatu zitzaion egoera berri hura. Baina berehala ohitu zen eta ohi zuen bezala bere buruarekin hizketan hasi zen ostera. —Bi helburuetatik bat erdietsi dut! Hala ere, batek ez daki hurrengo minutuetan zer gerta dakiokeen! Bigarren helburua lorategi miresgarri hartan sartzea da... Nola moldatuko naiz hori lortzeko? Hori esaten ari zela, zelai zabal batera iritsi zen eta bertan metro bat baino gehixeago neurtzen zuen etxetxo bat zegoen. —Tamaina honekin ezin izango dut bertaratu, bestela bertan bizi direnak ikaraz akabatuko nituzke! Hori zela eta, eskuin eskuko zatitxotik mokadutxo bat hartu zuen, neurriz hogei zentimetrotara kuzkurtu arte ez zen etxe hartan sartzen ausartuko. 6. TXERRIA ETA PIPERBELTZA Apur batean begira gelditu zen Alizia, zer egingo ote zuen pentsatuz, bat-batean basotik korrika lekaio bat irten zen (Aliziari lekaio bat zela iruditu zitzaion libreaz jantzita zihoalako; bestela eta bere aurpegia ikusita arrain bat zela pentsatuko zuen ziur aski) eta atea gogor jo zuen. Atea beste lekaio batek zabaldu zion, aurpegi biribila eta igelaren begitzarrak zituena. Biak ile urdin eta kizkurra zeukaten. Alizia zer gertatzen ari zen jakin minez basotik irten zen esaten zutena entzuteko asmotan. Arrain-Lekaioak beso azpitik gutun handi bat atera zuen, eta beste lekaioari ematen ziolarik honela zioen: —Dukesarentzat, kroketan jolastera joateko Erreginaren gonbidapena. Igel-Lekaioak beste horrenbeste errepikatu zuen aho betez: —Erreginaren gonbidapena. Dukesa kroketan jolastera joan dadin. Arrain-Lekaioa joan zenean bestea etxeko ate ondoan eseri zen zerura zozoki begira jarriz. Alizia beldurrez hurbildu zen eta atean jo egin zuen. —Alferrik duzu deitzea —esan zion Lekaioak—, bi arrazoirengatik. Lehenengo, ni zu zauden ateko alderdi berean nagoelako; bigarren, barruan dagoen zarataz ezin dizutelako inolaz ere entzun. —Esaidazu orduan, faborez —galdegin zion Aliziak—, zer egin behar dut barrena sartzeko? —Atea joko bazenu beharbada — jarraitu zuen Lekaioak kasurik egin gabe—, atea gu bion artean egonda. Esate baterako, zu barruan bazina atea jo zenezake, eta zu irteteko nik atea ireki nezake orduan. —Zer egin behar dut sartzeko? —errepikatu zion ozenki. —Ni hemen eserita bihar arte egongo naiz... —aitortu zuen Lekaioak. Une horretan atea parez pare zabaldu zen eta plater bat airean izugarrizko abiadan irten zen Lekaioaren bururantz zuzen-zuzen zihoala: sudurrean ukitu zuen justu-justu eta aldamenean zegoen zuhaitz baten kontra txikitu zen. —... bestela etzi, agian —jarraitu zuen Lekaioak ahots berdintsuaz, ezer gertatu ez balitz bezala. —Zer egin behar dut sartzeko? —itaundu zuen ostera Aliziak ozenago hitz eginez. —Baina benetan sartu egin behar al duzu? —esan zuen Lekaioak—. Horixe da lehenengo argitu behar den gauza. Eta beste hitz batzuetan berriro errepikatu zuen: —Gerora ere, egunak joan, egunak etorri, hemen eserita egongo naiz ni. —Baina, zer egin behar dut nik? —lehiatu zen Alizia. —Nahi duzuna egin —esan zuen morroiak, eta txistuka hasi zen. —Honekin hitz egiteak ez du merezi! —marmartu zuen Aliziak etsita—. Bai ergela! Beraz, atea ireki eta barrena sartu zen. Sartu eta kez betetako sukalde handi batean aurkitu zen. Erdian aulki batean eserita Dukesa zegoen magalean haur bat zuelarik. Sukaldaria zegoen, eta eltze bete batean zopa nahasten ari zen. —Zopa honek piperbeltz gehiegi dauka, noski! —esan zuen Aliziak bere baitarako, usain egiten zuen bitartean. Etxe hartan usain egiten ez zuten bakarrak sukaldaria eta sutondoan irribarre zabal batez etzanda zegoen katu mardul bat ziren. —Faborez esango al zenidake... —galdegin zuen Aliziak beldurti samar— ...zure katu hori zergatik dagoen halako irribarrez? —Cheshireko katu bat da —esan zuen Dukesak—, horregatik ari da barrez. Urde-Zerria! ! Azken hitz hori horren haserre esan zuen ze Alizia beldurtu egin zen, baina segituan haurrari demandan egin ziola ohartu zen eta hargatik berriz hizketan hasten ausartu zen. —Ez nekien nik Cheshireko katuak beti barrez egoten zirenik. Egia esan, barre egin zezaketenik ere ez nekien. —Denek egin dezakete —esan zuen Dukesak—, eta askok egiten dute. Zuri gertatzen zaizuna ezertxo ere ez dakizula da. Aliziak ez zuen erantzun hura batere gogokoa izan. Sukaldariak eltzea sutondotik aldendu zuen eta eskutan harrapatzen zuen guztia Dukesari eta haurrari botatzen hasi zen: lehenbizi sutondoko burdinak, gero platerak eta era guztietako ontziak. Dukesak ez zion jaramonik egin nahiz eta batzuetan ontziren batek jo, haurra negar zotinka ari zen bitartean. —O, faborez, egiten ari zarenaz kontu gehiago eduki ezazu! —oihukatu zuen Aliziak, ontziak airean harrapatu nahian saltoka ari zen bitartean. —Bakoitza bere arazoez arduratuko balitz —esan zuen Dukesak—, mundua azkarrago, arinago, jirabiratuko litzateke denbora gutxiago alferrik galduz. —Ba, ez pentsa hori hobe izango litzatekeenik... —Hobe? —moztu zuen Dukesak—, lepoa moztu diezaiotela, horixe bai hobe! Alizia ikaratu egin zen eta sukaldariari begiratu zion antsiaz, baina zorionez sukaldaria zopa nahasten ari zen elkarrizketari inolako kasurik egin gabe. Alizia lasaitu egin zen orduan eta hizketan jarraitu zuen: —...mundua azkarrago mugituko balitz pentsa ezazu zer nolako nahaspila sortuko litzatekeen egunaren eta gauaren artean. Zuk badakizu lurrak hogeita lau ordutan ematen duela jira bat... —Utziko al nauzu bakean —esan zuen Dukesask—, zure kalkulu horiekin nazkarazi gabe? Eta haurrari sehaska-kanta bat abesten hasi zitzaion, bertso bat bukatzen zuen bakoitzean zaplazteko bat ematen ziola. Gu amorrarazteagatik usain egiten badaki. Haur bedeinkatu horri oihu eta jipoi ugari. TALDEAK (Sukaldariak eta haurrak berak parte hartuz) Gua! Gua! Gua! Gua! Ai! Ai! Ai! Ai! Dukesak bigarren ahapaldiarekin jarraitu zuen, baina haurrak negarrez horrenbeste zarata egiten zuen ze kantaren hitza jasotzerik ez zuen izan Aliziak. —Ea, orain zeuk eragiten diozun pixka batean! —esan zuen Dukesak kanta amaitzean umea airean botatzen zuen bitartean—. Erreginarekin kroketan aritzeko apaintzera noa. Dukesa agudo asko atera zen sukaldetik. Sukaldariak zartagina bota baitzion, baina ez zuen jo. Aliziak umea besotan hartu zuen, eta azkenean dezente kostata gero menderatu al izan zuen. Izan ere, hainbat mugitzen zen! Eta nolako indarra zuen! Aliziak kanpora atera zuen haizea har zezan. “Eta nirekin eramaten badut?”, pentsatu zuen, “hemen egun batean ez bada bestean hil egingo dute. Arriskugarriegia da etxe honetan uztea”. Hitz hauek esan zituenean txikitxoak kurruxka bat egin zion. —Ez kurruxkarik egin —erritan egin zion Aliziak—. Umetxo batek ez du horrelakorik egin behar. Haur txikiak berriro egin zuen kurruxka. Aliziak zer gertatzen zitzaion jakin nahian aurpegira begiratu zion. Ez zegoen dudarik, haren sudurrak mutur bat ematen zuen. Aliziari horrek ez zion batere graziarik egin. “Negarrez aritu delako ote?”, pentsatu zuen, eta haren begiei erreparatu zien orduan, baina ez zuen malkorik. —Txerri bihurtzen bazara —esan zuen serioski Aliziak—, ez zara gehiago nirekin ibiliko. Kontuan har itzazu hitzok! Ume gaixoak berriro kexuka (…kexuka ala kurruxka?, auskalo zer egin zuen). Eta zer egingo dut nik ume honekin etxera itzuli behar dudanean? Ume txikitxoak beste kurruxka bat egin zuen. Oraingoan ez zegoen zalantzarik: txerrikume bat zen eta Aliziari hura besotan edukitzea zerrikeria iruditu zitzaion. Beraz, lurrean laga zuen. Aliziarengandik gertu eta zuhaitz baten adarrean eserita Cheshireko Katua zegoen. Katuak Alizia ikusi zuenean irribarre goxo bat egin zuen. Umore onekoa zela zirudien. Baina hatzaparrak luze eta zorrotzak zituen, alajainkoa! —Cheshireko Mixintxo —hasi zen Alizia beldurti samar, ez baitzekien tratamendu hura gustatuko zitzaionik— Cheshireko Mixintxo horrek, esango al zenidake zein bide hartu behar dudan hemendik irteteko? —Norantz joan nahi duzun jakitean bide bat ala beste hartu beharko duzu. —Norako bidea den ez du axolarik... —esan zuen Aliziak. —Orduan edozein bide hartu —erantsi zuen Katuak. —...norabait ailegatuz gero —Aliziak esplikatu nahian. —O, etsitzen ez baduzu beti helduko zara norabait! —ziurtatu zuen Katuak. Aliziak, gai hartaz Katuarekin konponbide onik ez zela ikusita, beste galdera bat egitea erabaki zuen: —Zer jende mota bizi da inguru honetan? —Alde horretatik —esan zuen Katuak, hankaz eskuin aldera seinalatuz— Kapelagilea bizi da. Eta handik —beste hanka mugituz— Martxoko Erbia bizi da. Biak bisitatzera joan zaitezke, baina erotuak daude. —Baina ero batzuekin egotea ez dut batere gogoko —protestatu zuen Aliziak. —O, hemen nahi eta nahi ez egon beharko duzu ba. Denok gaude erotuak eta. Ni hala nago bederen. Eta zu ere bai. —Nola dakizu ni eroturik nagoela? —itaundu zuen Aliziak. —Erotua egon behar duzu, bestela ez zinen hona etorriko. Jolastu behar al duzu gaur Erreginarekin kroketan? —Gogo handiz jolastuko nintzateke, baina oraingoz ez nau gonbidatu. —Hantxe ikusiko gara berriz —ziurtatu zuen Katuak, eta desagertu egin zen. Alizia ez zen hargatik gehiegi harritu, ordurako ohituta zegoen. Katua aienatu zen lekura begira zegoen oraindik ostera berragertu zenean. —Ahaztuta nuen, zer gertatu da besotan zenuen umetxoarekin? —galdegin zion Aliziari. —Txerrikume bat bilakatu da. —Banekien azkenean horixe gertatuko zela —esan zuen Katuak eta berriz desagertu zen. Handik bospasei minututara Alizia Martxoko Erbiaren etxe aldera abiatu zen. —Kapelagile batzuk ezagutu ditut lehen —esan zuen bere baitarako—. Martxoko Erbia ezagutzean interesgarriagoa izango da. Gainera, maiatzean gaude eta beharbada pasatua du eromenaldia... Berehala ailegatu zen Martxoko Erbi-enera. Tximiniak erbien belarriak bezain luzeak ziren eta pareta larruzkoa, horregatik pentsatu zuen hura izango zela Erbiaren etxea. Oso handia zen, hargatik ezker eskuko perretxiko zatitxotik mokadutxo bat jan baino lehen ez zen etxe hartan sartzen ausartuko, hala ere bi arra neurtzen zuelarik atera hurbildu zen beldurrez: —Eta benetan ero balego? Agian, Kapelagilearengana joan izan banintz hobe! 7. EROEN ARTEKO MERIENDA Mahaia etxe aurreko zuhaizpean jarria zegoen, bertan Martxoko Erbia eta Kapelagilea tea hartzen ari ziren. Beraien artean Muxarra eserita lotan, eta biek beren besoak ezartzeko burkotzat hartua zuten. “Muxarra bai egoera txarrean dagoela”, pentsatu zuen Aliziak. “Baina lotan dagoenez gero, agian ez du ezer sentituko”. Mahaia oso handia zen, baina hirurak mutur batean estu-estu zeuden. —Ez dago lekurik —oihukatu zuten, Alizia hurbildu zenean. —Leku asko dago! —protestatu zuen Aliziak suminduta, eta besaulki handi batean eseri zen. —Har ezazu ardo pixka bat —esan zion Martxoko Erbiak. Aliziak mahai osoan begiratu zuen, baina han tea baizik ez zegoen. —Hemen ez dut ardo tantarik ikusten. —Noski, ez baitago. —Ez duzun gauza bat eskaintzea ez da gizabide onekoa —esan zuen Aliziak haserre. —Gonbidatu gabe gurekin hemen esertzea ere ez —esan zuen Martxoko Erbiak. —Ez nekien mahaia zurea zenik. Hiru pertsona baino gehiagorentzat dago gertatua. —Ile mozketa on baten beharrean zaude — esan zuen Kapelagileak. —Besteen gauza pertsonaletan sartu gabe egoten ikasi beharko zenuke —esan zion Aliziak garrazki—. Edukazio txarrekoa baita. Hori entzutean, sagarraren tamainako begi handiak erakutsi zituen; hala ere, hauxe esan zion soil soilik: —Hilabeteko zein eguna da gaur? Erlojua poltsikotik atera eta eskutan zerabilen astinaldi bakoitzean belarrira eramanaz, tarteka orratzek zer ordu ematen zuten begiratuz. Aliziak ongi pentsatutakoan: —Hilaren laua da —esan zuen. —Bi egun atzeratua! —esan zion arranguraz Kapelagileak Martxoko Erbiari—. Esan nizun gurina ez zela ona erlojuaren makineriarentzat! —Gurin onenetakoa zen ba —erantzun zion Erbiak penaturik. —Bai, baina ogi apurrak sartuko zitzaizkion. Ez zenuen ogitarako labana erabili behar. Martxoko Erbiak erlojua hartu eta begirada malenkoniatsu batez bere te katiluan murgildu zuen. Gauza hobeagorik ez zitzaion bururatu eta lehen esandakoa errepikatu zuen: —Badakizu, gurin onenetakoa zen. Aliziak Erbiaren bizkar gainetik begi luzez ordularia ikusi zuen. —Bai erloju arraroa! —oihuka—. Hileko eguna ematen du, eta ez du ordurik ematen! —Eta zergatik eman beharko luke, ba? —purrust egin zuen Kapelagileak—. Zureak urtea ematen al du? —Ez ba —onartu zuen Aliziak arin— Urte berean denbora luzez dagoelako da hori. —Horixe bera gertatzen zaio nireari —esan zuen Kapelagileak. Alizia zeharo harritua gelditu zen. Kapelagilearen hitzek ez zuten zentzurik eta. —Ez dut ulertzen —esan zuen berak, eztiki. —Muxarrak berriz lo hartu du —esan zuen Kapelagileak, eta muturrera te pixka bat bota zion. Muxarrak burua astindu zuen, eta begiak zabaldu gabe esan zuen: —Horixe baietz, horixe baietz. Hori bera esan behar nuen nik. —Aurkitu al duzu asmakizunaren irtenbidea? —itaundu zuen Kapelagileak, Aliziari zuzenduz. —Ez. Etsi dut. Zein da irtenbidea? —Ez dut ideiarik ere, zein izan daitekeen —esan zuen Kapelagileak. —Ezta nik ere —erantsi zuen Martxoko Erbiak. Alizia amorru bizian zegoen. —Denbora pasatzeko era egokiago bat aurkitu beharko zenuketela uste dut —esan zuen—, irtenbiderik ez duten asmakizunak proposatzen ihardun beharrean. —Zuk denbora nik bezain ongi ezagutuko bazenu! Denbora pertsonaia handi bat da! —Ez dakit zer adierazi nahi duzun —protestatu zuen Aliziak. —Bai, badakizu noski! —esan zuen Kapelagileak sudurra zimurturik keinu arbuiagarri batean—. Ziur nago ez duzula inoiz Denborarekin hitz egin! —Ez, uste dut ezetz —erantzun zuen Aliziak kontu handiz—. Baina musika ikastean denbora txalo bidez neurtu behar izaten dut. —A, horrela adierazia dago dena! —esan zuen Kapelagileak—. Denborak ez du txalorik ametitzen. Berarekin harreman onak bazenitu ordea, erlojuarekin nahi duzun guztia egingo luke. Adibidez, eman dezagun goizeko bederatziak direla, eskola hasteko garaia, zure nahia Denborari jakinaraztea besterik ez zenuke eta Denborak ordulariaren orratzak mugituko lituzke. Ordu bata eta erdiak! Otordua! Gainera, otordua nahi duzun denbora guztian luza zenezake, hala nahi izanez gero. —Zuek, hori dena lortzen duzue? —galdegin zuen Aliziak. —Nik ez! —erantzun zuen—. Joan den martxoan haserretu ginen biok, hau erotu baino lehentxeago —eta Martxoko Erbia seinalatu zuen. Aliziak orduan bat-batean konprenitu zuen han jazotzen zena. —Horregatik dago hainbat katilu mahai gainean, ez da? —Bai, horregatik —erantzun zuen Kapelagileak—. Beti te garaia dugu, ez dugu garbitzeko denborarik izaten. —Eta mahaian lekuz aldatzen zarete, ez da? —galdegin zuen Aliziak. —Hori da, katiluak zikintzen ditugun bakoitzean. —Baina, zer gertatzen da berriz mahaiaren hasieran aurkitzen zaretenean? —galdetzera ausartu zen Alizia. —Eta zer moduz gaiaz aldatuko bagenu? —moztu zuen Martxoko Erbiak aho zabalka —. Ea neskatila honek ipuin bat kontatzen digun. —Beldur naiz ez ote zaidan bat ere gogoratuko. —Orduan, Muxarrak konta dezala! —esan zuten Kapelagileak eta Martxoko Erbiak batera—. Esna, Muxarra! Eta bi aldetatik atximurka hasi zitzaizkion. Muxarrak begiak poliki-poliki zabaldu zituen. —Ez nengoen lotan —ziurtatu zuen ahots marrantatsu eta ahul batez—, zenioten guztia aditzen aritu naiz. —Konta iezaguzu ipuin bat! —esan zuen Martxoko Erbiak. —Bai, faborez! —eskatu zion Aliziak. —Eta azkar —erantsi zuen Kapelagileak—. Bestela amaitu baino lehen berriro lo hartuko duzu eta. —Behin batean hiru ahizpa ziren —hasi zen presaka Muxarra—, beren izenak: Elsie, Larie eta Titie, eta putzu sakon baten hondoan bizi ziren... Eta zer jaten zuten? —galdegin zuen Aliziak. —Ezti-hondarra jaten zuten —erantzun zuen. —Ezin daiteke —adierazi zuen Aliziak maiteki haserre ez zedin—. Oso gaixotasun txarra sortzen du horrek. —Eta hala gertatu zen — esan zuen Muxarrak—. Oso gaixo gelditu baitziren. —Baina nola bizi ziren putzuaren hondoan? —itaundu zuen Aliziak. Muxarra bizpahiru minututan edo... pentsatzen gelditu zen, eta azkenean esan zuen: —Ezti-hondarra zuen putzua zen. —Ez dago horrelako putzurik! Alizia gogor mintzatu zen, baina Kapelagilea eta Martxoko Erbiaren artean isilarazi egin zuten: “Txit!” “Txit!”, Muxarrak erreminduta honela zioen bitartean: —Ez baduzu behar bezalako edukazioz portatu behar, hobe izango duzu ipuina zerorrek bukatzea. —Ez, faborez, jarraitu! —esan zuen Aliziak, umil-umil—. Ez dizut berriro trabarik egingo. Baliteke halako putzuren bat izatea. —Bat behintzat badago! —eta ipuinaren hariari ekin zion berriro—. Horrela bada, gure hiru ahizpatxoak... marrazten ikasten ari ziren, janaria atera... —Zer janaria ateratzen zuten? —galdegin zuen Aliziak, agindu zuena ahantzirik. —Ezti-hondarra —erantzun zuen Muxarrak astirik galdu gabe. —Katilu garbi bat nahi dut —moztu zuen Kapelagileak—. Alda gaitezen leku bat harantzago. Denok eserleku bat aurreratu ziren. Aliziak ez zuen Muxarra ostera mindu nahi, beraz kontu handiz mintzatu zen: —Baina ez dut ulertzen. Nondik ateratzen zuten ezti-hondarra? —Ur putzu batetik ura atera daiteke —esan zuen Kapelagileak—, zergatik ezin daiteke atera ezti-hondarra ezti-hondar putzu batetik? Ez zaitez, faborez, ergela izan! —Baina berak putzu barruan, hondo hondoan zeuden —esan zion Aliziak Muxarrari, Kapelagilearen azken hitzak kontuan hartu nahi izan gabe. —Noski zeudela. Eta ondo-ondo egon ere. Muxarrak zerbait alderantziz entenditu ziola konturatzean Alizia puska batean isilik egotea erabaki zuen. —Gure hiru ahizpak, beraz, marrazten ikasten ari ziren —segitu zuen Muxarrak, logura ikaragarria zuelarik—, eta denetik marrazten zuten... “M” hizkiaz hasten zen dena... —Eta zergatik M-z hasten zirenak? —itaundu zuen ostera Aliziak. —Eta zergatik ez? —galdegin zuen Martxoko Erbiak. Alizia isildu egin zen. Ordurako Muxarra lo hartzen ari zen. Baina Kapelagileak berriz atximurka egin zion eta kontatzen jarraitu zuen: —... M-z hasten dena: mundua, mina, mamua, multzoa... Ikusi al duzue inoiz multzo bat marraztua? —Orain zuk esaten duzulako —esan zuen Aliziak—, aitortu behar dut ez dudala pentsatzen... —Ba... ez baduzu pentsatzen, isil zaitez! —moztu zion Kapelagileak. Aliziak ezin izan zuen zatarkeria hori jasan: oso nahigabetua altxa eta handik alde egin zuen. —Ez naiz sekulan hona bueltatuko, zernahi gertatua ere! —esan zuen Aliziak bere golkorako, basorantz abiatuz—. Hau nire bizitza guztiko meriendarik zozoena izan da, zalantzarik gabe! Hori esaten zuen bitartean zuhaitz haietako baten enborrean ate bat zegoela ikusi zuen. —Bai arraroa! —pentsatu zuen, baina barrena sartu zen segituan. Berriro kristalezko mahaia zuen atari handi hartan aurkitu zen. “Oraingoan gauzak askoz hobeto egingo ditut”, esan zuen berekiko. Eta lehenbiziko giltzatxoa hartu eta lorategiko atea ireki zuen. Orduan perretxikoa kontuz jaten hasi zen, eta esku baten neurria izan zuenean pasabide estu hartatik barneratu zen. Eta orduan... orduan, azkenik, lorategi harrigarrian aurkitu zen. 8. ERREGINAREN KROKET JOLASA Lorategiko sarreran arrosa landare bat zegoen: bere loreak txuriak ziren, baina han zeuden hiru lorazainak gorriz pintatzen ari ziren. Alizia gertuagotik ikustearren bertara inguratu zen, eta lorazainen elkarrizketa entzun zuen: —Kontuz, Bost! Ez nazazula pinturaz zipriztindu! —Ez dizut nahita egin —esan zuen Bostek, mindurik—. Zazpik ukondoan jo dit eta. Hori zela eta, Zazpik begiak altxa zituen esanaz: —Oso ondo, Bost! Errua beti besteen bizkarretara! —Isilarazi ezazu aho hori! —esan zuen Bostek—. Lepoa moztea merezi zenuela entzun nion atzo bertan Erreginari! —Zergatik? —galdegin zuen aurrenean hitz egin zuenak. —Hori zuri ez zaizu axola, Bi! —zioen Zazpik. —Bai, axola zaio! —protestatu zuen Bostek—. Sukaldariari tipulak eraman ordez kukupel erraboilak eraman zizkiolako izan baitzen. Zazpik brotxa lurrera bota zuen eta: “Zer demontre! Bidegabekeria guztietatik...” esaten ari zenean, Alizia beraiei begira ari zela ohartu zen, eta bertan behera isildu ere. Beste biak ere neskatxa ikusteko bueltatu ziren eta hirurak batera erreberentzia sendo eta luze bati egin zioten. —Esango al zenidake faborez —hasi zen beldurti samar Alizia—, zergatik ari zareten arrosak margotzen? Bostek eta Zazpik ez zuten hitzik egin, baina Biri so egin zioten. Bi hasi zen ahots dardaratsu batez: —Ba, begira andereño, landare honek arrosa gorri bat izan behar zuen, baina guk nahi gabe txuria landatu genuen, eta, Erreginak jakiten badu, lepoa moztuko digu hiruroi. Beraz, bera datorrenerako ahaleginak egiten ari gara... Orduantxe Bostek oihu egin zuen: “Erregina! Erregina!”, eta hiru lorazainak lurrera zerraldo bota ziren. Aliziak Erregina ikusi nahi zuen eta zutik gelditu zen. Hasieran, aurren aurrenean, hamar gudari azaldu ziren. Gero atzetik eta gudariak bezala lerroz lerro binaka beste hamar gortegizon goitik behera diamantez apainduak. Segidan errege semeak zetozen; hauek ere hamar ziren eta bihotzez apainduak zeuden. Gero gonbidatuak, gehienak errege erreginak eta beraien artean Untxi Txuria ikusi zuen Aliziak. Jarraieran Bihotz Baleta zetorren, tertziopelozko bururdi baten gainean Erregeren koroa zeramala. Eta azkenik, talde eder honen bukaeran BIHOTZEN ERREGE ETA ERREGINA. Taldea Aliziaren parera heldu zenean, denok bertan geratu ziren berari so eginez, eta Erreginak itaunduz: —Nor da hau? Galdera Bihotz Baletari egin zion baina Baletak burua makurtuz irribarrea besterik ez zuen egin. —Kaiku hori! —esan zuen Erreginak Baletari begiratuz, eta segidan Aliziarengana zuzenduz galdegin zion: —Nola duzu izena? —Alizia da nire izena, zure Maiestate horri zerbitzatzeko prest dagoena —erantzun zion Aliziak oso gizatsu. Baina bere barrurako honela jarraitu zuen: “Ez dut zertan beldurtu beharrik! Izan ere, karta pilo bat baizik ez dira denak! —Eta zeintzuk dira beste hauek? —galdezka segitu zuen Erreginak, lurrean etzanda zeuden hiru lorazainak seinalatuz. Buruz behera zeudenean egonda bakar bakarrik atzealdea ikusten zitzaien, eta atzealde hori karta guztietan berdina zen. Beraz, Erreginak ezin zuen jakin lorazainak, ala gudariak, ala gortegizonak, ala bere hiru seme zirenik ere. —Eta zergatik jakin beharko nuke nik hori? Erregina sutan eta bekozko gaizto batez oihuka hasi zen: —Lepoa moztu diezaiotela! Lepoa moztu...! —Lelokeriak! —esan zuen Aliziak ozenki eta oso ausarki. Eta Erregina isildu egin zen. Erregek besotik emeki-emeki heldu zion esanez: —Kontura zaitez, ene maite, neskatxa bat baizik ez dela! Erreginak ez zion jaramonik egin eta Baletari honela esan zion: —Jarri itzazu horiek gora begira! Eta Baletak, oso poliki eta hanka batez baliatuz agindua bete zuen. —Zutik! —deiadar egin zuen Erreginak, era gogorrez. Eta hiru lorazainak jauzi batean zutitu ziren, aurrean zituzten guztiei erreberentzia sendoak eginaz. —Nahikoa da! —oihu egin zuen Erreginak—. Urduri jartzen nauzue! Eta gero arrosa ikusiaz: —Zer deabrutan aritu zarete hemen? —Zure Maiestate horren baimenaz —hasi zen Bi umil asko hizketan, belaun bat lurreratzen zuen bitartean— Arrosa... Arrosa... —Bai, ikusi dut! —deiadar egin zuen, arrosak miatu ondoren—. Lepoa moztu diezaietela! Lagun taldea martxan jarri zen, baina hiru gudari han gelditu ziren Erreginaren agindua betetzeko asmoz. —Ez dizuete lepoa moztuko! —esan zuen Aliziak, eta inguruan zegoen loreontzi handi batean gorde zituen. Hiru gudariak bilaka ihardun ziren, baina azkenik aspertuak segizioaren atzetik abiatu ziren. —Haien lepoak galdu al dituzue? —oihukatu zuen Erreginak. —Bai, galdu ditugu, Zure baimenaz Maiestate —erantzun zioten gudariek. —Oso ongi! —Erreginak—. Ba al dakizu kroketan jolasten? —gudariak isildu egin ziren, izan ere, galdera Aliziari zuzendua zen. —Bai! —Aliziak oihuka. —Goazen ba! —agindu zuen Erreginak. Eta Alizia talde guztiarekin batera joan zen. —Eguraldi... eguraldi zoragarria dago! —marmartu zuen bere aldamenetik ahots beldurti batek. Untxi Txuria zuen alboan. —Oso ona —esan zuen Aliziak—. Non dago Dukesa? —Ixo! Ixo! —esan zuen Untxiak baxu samar eta azkarki. Hizketan ari zen bitartean atzeraka begiratzen zuen, eta behatz muturretan jarriz belarrira zurrumurruka esan zion: —Herio zigorra eman diote. —Zergatik? —jakin nahi izan zuen Aliziak. —“Gaixoa” esan duzu? —itaundu zuen Untxiak. —Ez, ez dut horrelakorik esan. Ez dut uste batere “gaixoa” denik. Zergatik?, esan dut. —Muturreko bat eman zion Erreginari... —hasi zen esaten Untxia, eta Aliziari barregura eman zion—. Txit! Txit! —egin zuen Untxiak izuturik—. Erreginak aditu egingo dizu! Begira, Dukesa nahiko berandu iritsi zen, eta Erreginak esan zion... —Bakoitza bere lekura! —oihukatu zuen Erreginak trumoia bailitzan. Eta denak korrika hasi ziren. Hala ere, handik minutu batzuetara bakoitza bere tokian zegoen, eta jokaldiari hasiera eman zioten. Aliziak ez zuen inoiz kroket arraroagorik ikusi. Bolak triku biziak ziren, mazoak ere flamenko biziak eta gudariek makurtu egin behar zuten lau hankatan jarriz uztaiak (txirringak) osatzeko. Jokalariek, denek batera jolasten zuten, beren txandari itxoin gabe, trikuak bereganatzeko eztabaidaka eta mokoka. Berehalaxe Erregina paroxismo basati batean suminduta aurkitu zen eta lurrari ostikoka alde batetik bestera eten gabe oihuka zebilen: “Moztu diezaiotela honi lepoa!” edo “Moztu diezaiotela beste horri ere!” Alizia ez zegoen oso gustura: egia esan, berak ez zuen inoiz Erreginarekin sesiorik izan, baina bazekien edozein momentutan izan zezakeela. “Eta orduan”, pentsatu zuen, “zer gertatuko ote zait?”. Hemen dena lepoak moztuz konpontzen dute. “Harritzekoa da oraindik inork bizirik irautea!” Inork ikusi gabe handik aldegiteko modu baten bila ziharduen bada, airean zerbait begiztatu zuenean. Hasieran harritua gelditu zen, baina geroxeago irribarre zabal bat zela ohartu zen, eta: —Cheshireko Katua da, orain norbaitekin hitz egin ahal izango dut —esan zuen. —Zer moduz zaude? —esan zion Katuak. Alizia Katuaren begiak agertu arte zain egon zen, eta orduan keinu batez agurtu zuen. “Alferrik izango zait mintzatzea belarriak agertzen ez zaizkion bitartean”, pentsatu zuen. Handik minutu batera buru osoa azaldua zen. Katuari burua agertzea nahikoa zela iruditu zitzaion eta horrela gelditu zen, ezer gehiago agertu gabe. —Ez dute batere ongi jolasten —esan zuen Aliziak—. Beti liskarretan! —Erregina zer iruditzen zaizu? —Katua galdezka. —Ez dut batere gustukoa —esan zuen Aliziak—. Irabaztera horren... Une honetan Erregina bere atzean berak zioena entzuten ari zela ohartu zen Alizia, baina hala ere, honela jarraitu zuen: —...irabaztera horren emana da, jokaldia amaitzea ere ez duela merezi. Erreginak irri egin eta aurrera jarraitu zuen. —Norekin ari zara berriketan? —galdegin zion Erregek, Katuari harrituta begiratuz. —Nire lagun bat da... Cheshireko Katu bat da —esan zuen Aliziak. —Duen itxuragatik ez zait ezertxo ere gustatzen —ziurtatu zuen Erregek—. Hala ere, nire eskutan muin egin nahiko balu... —Nahiago dut horrelakorik ez egin —aitortu zuen orduan Katuak. —Lotsagabea! —esan zuen Erregek—, ez nazazu era horretan begiratu, txatxu hori! Eta Aliziaren atzean babestu zen, mintzo zen bitartean. —Katu bat errege baten aurrez aurre begira egon daiteke —zihurtatu zuen Aliziak—. Libururen batean irakurria dut. —Ba, deuseztu egin behar da —esan zuen Erregek, eta Erreginari hots egin zion. Erreginarentzat arazoak konpontzeko bide bakarra zegoen. —Lepoa moztu! —agindu zuen, ia begiratu gabe. —Ni, neu, joango naiz borreroaren bila —esan zuen Erregek. Eta korrika alde egin zuen. Aliziak onena jolastera joatea izango zela pentsatu zuen. Dagoenekoz Erregina oso haserre zegoen, orduantxe hiru jokalariri zegokien txandetan ez jolasteagatik herio zigorra emana baitzien. Ostera Katuarengana itzuli zenean, inguruan jende mordoxka bildua zela ikusi zuen harrituta. Borreroa, Errege eta Erregina, beste guztiak isilik zeuden bitartean, eztabaidan bero-bero ziharduten hirurek batera hitz eginez. Alizia azaldu zenean hirurak berarengana zuzendu ziren, zer egin behar zen berak erabaki zezan, eta beren arrazoinamenduak eman zizkioten. Borreroak lepoa ezin zitzaiola moztu esaten zuen, burua bakarrik zuelako; eta inoiz egin ez zuena ez zuela gerora ere egingo aitortu zuen. Tontakeriak alde batera utzi eta burua zuen edozer gauza burumoztu zitekeela zioen Erregek. Arazoa bertantxe konpontzen ez bazuten, inguruan zeuden guztiei lepoa moztuko ziela zen Erreginaren teoria. (Mehatxu hau zela eta zeuden denak izu eta larri). Aliziak orduan hauxe esan zuen: —Katua Dukesarena da, katu honekin zer egin behar den berari galdetzea izango litzateke onena. —Dukesa kartzelan dago —esan zuen Erreginak, eta segidan borreroari—. Zoaz eta ekarri! Eta borreroak alde egin zuen. Katuaren burua desagertzen hasi zen borreroa joan eta gero, eta berau Dukesarekin ostera heldu zenerako erabat desagertua zen. Horrela ba, Errege eta borreroa katuaren bila hasi ziren, beste guztiak kroket jokaldiari berriro ekin ziotenean. 9. DORTOKA FALTSUA ETA OTARRAINAREN DANTZA —Ez dakizu zein pozik nagoen zu berriz ikusteaz! —esan zuen Dukesak, Aliziari besotik eztiki heltzen zion bitartean. Alizia ere oso pozik zegoen Dukesa horren umore onez ikusita, eta bere baitarako, Dukesa lehen horren haserre egoten bazen sukaldean zegoen piperbeltz usainarengatik izango ote zen, pentsatu zuen. —Orain jokoa hobetzen ari dela dirudi —esan zuen Aliziak. —Horrela da —baieztatu zuen Dukesak—, eta honen ikaskizuna hau da... “O, maitasuna, maitasuna. Maitasunak mundua mugi arazten du”. —Bakoitzak bere gauzak bakarrik zuzenduz gero, mundua arinago mugituko zela esan zuen behin pertsona batek. —Beno, beno. Azken batean berdintsu da —esan zuen Dukesak, hauxe erantsiz: Eta honen ikaskizuna... “Hau mania, gauza guztiei ikaskizun bat aurkitu nahi izatea!”, pentsatu zuen Aliziak. Denbora dezente pasata gero, Dukesaren ahotsa ahultzen ari zela eta Aliziari heltzen zion besotik dardarak zegoela nabaritu zuen harriturik Aliziak. Begiak altxa eta beren aurrean, Erregina bekozkoz ikusi zuen. —Egun zoragarria dugu, Maiestate! —hasi zen Dukesa dardaratsu esanez. —Orain gauzak argi eta garbi utzi behar ditugu —marru egin zuen Erreginak, mintzo zen bitartean lurrean ostiko bat emanez—. Zu ez bazara zure buruak suntsitu beharko du! Eta ziztu batean gainera! Zeuk aukera! Dukesak aukera egin zuen, eta bat-batean deuseztatu zen. —Eta goazen orain jolastera —esan zion Erreginak Aliziari. Alizia izutuegi zegoen, ezer esatera ausartzeko, eta Erreginarekin batera kroket zelaira joan zen mantsoki. Beste gonbidatuek Erregina ez zegoela eta, itzalpean etzanda zeuden, baina Erregina bazetorrela ikustean berriro jolasten hasi ziren. Jolasten aritu ziren denbora guztian Erregina beste jokalariekin borrokan eta eten gabe oihuka ihardun zen “Lepoa moztu honi!” eta “Beste horri ere moztu!”. Kondenatuak gudariek zaintzen zituzten, eta noski, hartaz hauek uztai izateari uko egin behar zioten. Denbora gutxi barru ez zen ez uztairik, ezta jokalaririk ere, Errege, Erregina eta Alizia izan ezik. Orduan Erreginak arnasa hartu ezinik jokaldiari amaiera eman zion, eta Aliziari galdegin zion: —Ikusi al duzu Dortoka Faltsua? —Ez —esan zuen Aliziak—. Dortoka Faltsu bat zer den ere ez dakit. —Ez al duzu inoiz Dortoka-zoparik jan? —galdegin zuen Erreginak—. Ba, beste zopa mota bat ere badago Dortokarena bezalakoxea, baina benetakoa ez dena. —Ez dut inoiz entzun eta ikusi horrelakorik —esan zuen Aliziak. —Goazen, ba! —agindu zuen Erreginak—. Eta Dortoka Faltsuak bere historia kontatuko dizu. Bazihoazen, eta Erregek talde guztiari baxu samar honela esaten ziela entzun zuen Aliziak: “Barkatuak zaudete”. “Eskerrak damutu dela”, esan zuen Aliziak, oso kezkatsu baitzegoen haien herio zigorrak zirela eta. Handik puska batera eguzkipean zeharo lotan zegoen Iturri batera ailegatu ziren. —Altxa zaitez, alfer hori! —agindu zion Erreginak—. Eta eraman ezazu neskatxa hau Dortoka Faltsua ikustera, bere historia ezagutu ahal izan dezan. Nik atzera itzuli behar dut agindu ditudan herio-zigorrak betetzen diren ikustera. Erreginak alde egin zuen, Alizia Iturriarekin bakarrik utzita. Aliziari ez zitzaion batere gustatzen piztia haren itxura. Iturria altxatu zen eta Erreginari begira gelditu zen begi bistatik galdu zuen arte; gero algara trufatsu bat egin zuen: —Hau da, hau komeria! —Zer da komeria dena? —itaundu zuen Aliziak. —Bera —erantzun zuen Iturriak—. Dena fantasia hutsa baizik ez da. Ez dute inoiz inor hiltzen. Goazen! “Hemen denek ematen dituzte aginduak”, pentsatu zuen Aliziak, gogoz kontra jarraitzen zion bitartean. “Nire bizitza guztian ez dut horrenbeste agindurik jaso!” Oinez zihoazela urrutian, arroka baten gainean eserita, Dortoka Faltsua ikusi zuten, berarengana urreratzean haren hasperen larriak aditu zituen Aliziak. Eta arrunt errukitu zen. —Zer gertatu zaio, ba? —itaundu zion Iturriari. Eta Iturriak, lehengo eran erantzun zion: —Dena bere fantasia hutsa baizik ez da. Azkenean bertaraino heldu ziren. Dortoka Faltsuak malkoz betetako bere begitzarrez begiratu zien ezer esan gabe. —Andereño honek —adierazi zion Iturriak—, zure historia ezagutu nahi du. —Berehala kontatuko diot —esan zuen Dortoka Faltsuak ahots larri eta kexu batez—. Eseri biok eta isilik egon nik amaitu arte. —Garai batean —esan zuen Dortoka Faltsuak, hasperen handi bat eginez—, ni benetako dortoka bat izan nintzen. Isilune luze bat izan zen. Dortoka Faltsuak negar zotinka ziharduen, eta ostera hizketan hasi zen. —Txikiak ginela —jarraitu zuen lasaiago—, itsasoko eskolara gindoazen. Maisua Galapago deitzen genion dortoka zahar bat zen. —Zergatik deitzen zenioten Galapago galapago bat ez bazen? —galdegin zuen Aliziak. —“Galanki” janzten zelako eta etxetzat “pago” bat zuelako deitzen genion Galapago —esplikatu zuen Dortoka Faltsuak haserre—. Bai neskatxa tuntuna zarela! —Lotsatu egin beharko zenuke zure ezjakintasunaz —erantsi zuen orduan, Iturriak. Eta Dortoka Faltsuak honela jarraitu zuen: —Bai, itsasoko eskolara gindoazen, nahiz eta zuk ez sinetsi... —Nik ez dut sinesten esan ez dudanik! —moztu zuen Aliziak. —Bai, hori esan duzu zuk —esan zuen Dortoka Faltsuak. —Itxi ezazu aho hori! —erantsi zuen Iturriak, Aliziari berriro hitz egiteko aukerarik eman gabe. Eta Dortoka Faltsuak jarraitu egin zuen: —Oso heziketa ona ematen zigun... Eskolara egunero joaten ginen... —Ni ere egunero joaten naiz —esan zuen Aliziak—. Ez dakit zertaz harrotzen zaren. —Klase bereiziak, espezialak dituen eskola batera? —galdegin zuen Dortoka Faltsuak jakin minez. —Bai —erantzun zion Aliziak—. Frantses eta musikarako klase aproposak ditugu. —Eta garbiketa? —galdegin zuen Dortoka Faltsuak. —Ez, horretarako ez! —protestatu zuen Aliziak, erremindurik. —A orduan ez zoaz eskola on batera —esan zuen Dortoka Faltsuak lasaiturik—. Gure eskolan frantses, musika eta garbiketarako klase espezialak daude. —Ez zitzaizun askorako balio izango —esan zuen Aliziak—, itsaso hondoan bizi izanda. —Nik ez nuen hori ikasteko aukerarik izan —esan zuen Dortoka Faltsuak hasperen bat eginez—. Klase normaletara joaten nintzen bakarrik. Baina zu itsaso hondoan ez zarela sekulan bizi izan iruditzen zait... (“Noski ezetz”, esan zuen Aliziak) eta orduan ez duzu Otarrainarekin harremanik izan... (“Behin jaten...”, esaten hasi zen, baina garaiz isildu zen honela jarraitzeko: “Ez, inoiz ere ez”), hargatik ez duzu jakingo zein polita den Otarrainaren Dantza. —Ez —onartu zuen Aliziak—. Zer dantza era da hori? —Begira —esan zuen Iturriak—lehenbizi hondartza luzera guztian lerro bat osatzen da... —Bi lerro! —oihukatu zuen Dortoka Faltsuak—. Fokak, dortokak eta beste guztiak daudela. Orduan, marmota guztiak erditik kendu direnean... —Denbora asko darama lan horrek —moztu zuen Iturriak. —... aurrera bi pausu eman behar dira... —Bakoitza otarrain batekin dagoela! —oihu egin zuen Iturriak. —Noski —esan zuen Dortoka Faltsuak—. Aurrera bi urrats egin, bikotea osatu... —... otarrainez aldatu, eta ordena berdinean atzera itzuli —jarraitu zuen Iturriak. —Orduan —segitu zuen Dortoka Faltsuak—, bota egiten dira... —Otarrainak! —oihu egin zuen Iturriak alaitsu, airean jauzi bat emanez. —... ahal den urrutien itsasoan barrena... —Eta beraien atzetik igerian! —oihukatu zuen ostera Iturriak. —Itsasoan salto handi bat ematen da! —esan zuen Dortoka Faltsuak. —Otarrainez aldatzen da ostera ere! —aurrera egin zuen Iturriak. —Hondartzara itzultzen da, eta... hementxe amaitzen da lehenengo irudia —esan zuen Dortoka Faltsuak ahotsa ahultzen zitzaion bitartean. —Oso dantza polita izan behar du —esan zuen Aliziak beldurti. —Ikusi nahiko zenuke nola dantzatzen den? —proposatu zion Dortoka Faltsuak. —Noski, asko gustatuko litzaidake —esan zuen Aliziak. —Ea, lehenengo irudia egiten asmatzen dugun —esan zion Dortoka Faltsuak Iturriari—. Otarrainik gabe egin genezake, ez da? Nork kantatuko du? —Kanta ezazu zuk —esan zuen Iturriak—. Nik letra ahaztua daukat. Dotoreki dantzatu zuten Alizia inguratuz Otarrain Dantzaren lehen irudia osatu arte. —Eskerrik asko. Oso dantza interesgarria da —esan zuen Aliziak. —Orain —esan zuen Iturriak Aliziarengana zuzenduz—, kontatu itzazu zure abenturak. —Gaur goizetik orain arte gertatutakoak konta ditzaket —esan zuen Aliziak—. Baina atzokoak kontatzea ez du merezi, atzo ni beste pertsona bat bainintzen. —Esplikatu hori dena —esan zuen Dortoka Faltsuak. —Ez, ez! Lehenbizi abenturak —oihukatu zuen Iturriak, geldirik egon ezinik—, esplikazioak denbora gehiegi galdu arazten du. Horrela bada, Aliziak Untxi Txuria ezagutu zuenetik hasi eta gertatutako guztia zehatz mehatz kontatzen ari zitzaien. Beldarrarekin topatu zeneko gertakizunetara iritsi zenean, ordea, Dortoka Faltsuak hasperen bat eginez esan zuen: —Oso harrigarria da hori dena. Baina zertarako balio zaigu historia hori? Ez baitu ez buru eta ez hankarik ere! —Bertan behera uzten baduzu hobe —esan zuen orduan Iturriak. Eta Aliziak oso pozik utzi zion kontatzeari. —Otarrain Dantzaren beste irudi bat osatzen saiatuko al gara? —jarraitu zuen Iturriak—. Ala nahiago zenuke Dortoka Faltsuak beste kanta bat abestea. —Bai beste kanta bat, faborez! —oihukatu zuen Aliziak. —Nahi al diozu kantatu bada, ene Dortoka Faltsua? —marmartu zuen Iturriak. Dortoka Faltsuak hasperen handi bat egin zuen eta negar zotinen artean kantatzen hasi zen: Zopa eder, zopontzian zopa-ontzian horren goxo eta orlegia. Bikain eta atsegingarria Gau-zopa, zopa bizia! Zoooopa Zooooragarria! Zoooopa Zooooragarria! Gaurko zoooopa! Zopa oooona! —Kanta ezazu bigarren leloa! —oihu egin zuen Iturriak. Eta Dortoka Faltsua bigarren leloari hasiera ematen ari zitzaion urrutian oihu bat aditu zenean “Epaiketa hastera doa!” —Goazen! —esan zuen Iturriak. Eta Aliziari eskutik helduz korrika hasi zen, kanta bukatzeari itxoin gabe. —Zer epaiketa da hori? —itaundu zuen Aliziak, korrika zihoan bitartean. Baina Iturriak hauxe bakarrik erantzun zion: “Goazen!”, eta presakago korritzen jarraitu zuen. Dortoka Faltsuaren hitz melankoniatsuak gero eta motelago aditzen ziren: Gaurko zoooopa! Zopa oooona! 10. TARTAK NORK LAPURTU ZITUEN Ailegatu zirenean, Bihotzen Errege eta Erregina beren tronuetan eserita zeuden, eta beren inguruan jendetza ikaragarria bildua zen: txori eta piztia mota guztietatik eta karta multzo osoa ere bai, noski. Beren aurrean zutik Baleta kateaturik, gudari bat alde bakoitzean zaindari zuelarik. Errege ondoan Untxi Txuria, turuta bat esku batean eta pergamino bat bestean zituela. Gela erdi erdian eta mahai baten gainean tartak. —Hura jueza izango da —esan zuen berarekiko Aliziak—, ileorde handi hori daramalako hain zuzen. Izan ere, jueza Errege bera zen; ileorde gainean koroa baitzeraman. Eta hura epaimahaikoen oholtza da —pentsatu zuen Aliziak—, eta hamabi lagun horiek epaimahaiko epaileak izango dira seguru aski. Hamabiak jotake ari ziren arbeletan idazten. —Zertan ari dira? —galdegin zion Aliziak Iturriari—. Epaiketa hasi baino lehenagotik ez dute ezer idaztekorik izango, ba? —Piztitxo inozoak! —hasi zen Alizia ozenki esaten. Baina Untxi Txuriaren oihuak entzutean berehala isildu zen: “Ixo denak! Areto barruan isiltasuna!” Epaimahaikide guztiak arbeletan “Piztitxo inozoak!” idazten ari zirela ikusi ahal izan zuen Aliziak, ohartu zen ere beraietako batek ez zekiela “piztitxo” nola idazten zen, eta aldamenekoari galdetu ziola. “ A zer nolako nahasketak eta zirriborroak egingo dituzten epaiketa amaitu baino lehen!”, pentsatu zuen Aliziak. —Aldarrikari, salaketa irakur ezazu! —esan zuen Erregek. Eta orduan Untxi Txuriak turuta hiru aldiz jo ondoren, pergaminoa zabaldu eta hitzok irakurri zituen: Udarako egun batez Erreginak hiru tarta egin zituen, Baletak ikusi ondoren lapurretan egin zuen. —Errua aztertu eta erabaki bat har! —esan zien Erregek epaimahaikoei. —Oraindik ez! Oraindik ez! —moztu zion presaka Untxiak—. Lehenbizi beste gauza asko egin behar dira! —Hots egiozu lehenbiziko lekukoari —esan zuen Erregek. Untxiak turutaz hiru joaldi motz egin ondotik oihu egin zuen: —Lehenengo lekukoa! Lehenengo lekukoa Kapelagilea zen. Esku batean te katilukada batez eta bestean ogi zati bat zuela agertu zen bertara. —Otoi, barka nazazu, Maiestate —hasi zen—, gauza hauek eskutan ekartzeagatik, baina auzitegirako dei egin didatenean tea hartzeko nuen oraindik. —Bukatua eduki behar zenuke —esan zion Erregek—. Noiz hasi zinen tea hartzen? Kapelagileak Muxarrarekin batera bertaraino segitu zion Martxoko Erbiari begiratu zion. —Martxoko hamalauan izan zela uste dut. —Hamabostean —esan zuen Martxoko Erbiak bere jarlekutik. —Hamaseian —zuzendu nahi izan zuen Muxarrak. —Hau dena idatzi —agindu zien Erregek epaimahaikoei. —Kendu ezazu kapela—agindu zion Erregek Kapelagileari. —Ez da nirea, Maiestate —esan zuen Kapelagileak. —Orduan Kapela lapurtua duzu! —oihu egin zuen Erregek, epaimahaikoengana biratuz—. Epaimahaikoek berehalaxe idatzi zuten hura arbeletan. —Saltzeko ditut —erantsi zuen Kapelagileak—. Ni Kapelagilea naiz. Une honetan Erreginak betaurrekoak begietan jarri zituen eta Kapelagilea goitik behera aztertzen hasi zen. Kapelagilea dardarka zegoen. —Aitortu ezazu aitortu behar duzun oro —esan zuen Erregek—, eta ez zaitez nerbioso jarri, bestela zure lepoa moztea aginduko dut bertan behera. Baina alferrik, lehen bezain urduri zegoen, eta halako batean katiluari kosk egin zion ogiari egin beharrean. Une honetan, Aliziak gauza arraro bat nabaritu zuen: berriro hazten ari zen. Hasieran handik aldegitea pentsatu zuen, baina gero bertan gelditzea erabaki zuen, tamainak hartara uzten zion arte behintzat. —Ez nazazu gehiago bultza, faborez —esan zion bere ondoan eserita zegoen Muxarrak—. Ia ez nauzu arnasa hartzen uzten. —Ezin dut bultza gabe egon —erantzun zuen lainoki Aliziak—. Hazten ari naiz. —Ez duzu hazteko eskubiderik —esan zion Muxarrak. —Ez dezazula tontakeriarik esan —erantzun zion gogorki Aliziak—. Zu ere hazi egiten ari zara, ez da? —Bai, baina ni pixkanaka hazten naiz —esan zuen Muxarrak—, ez zu bezalako era lotsagarri horretan. Altxa eta aretoko beste muturrera alde egin zuen Muxarrak. Denbora honetan guztian Erreginak ez zizkion Kapelagileari begiak gainetik kendu, eta, bat-batean gorteko etxezainei agindu zien: —Ekarri azken kontzertuko kantari zerrenda. Kapelagilea gero eta dardaratsuago zen. —Esan ezazu lehenbailehen aitortu behar duzuna —errepikatu zuen Erregek haserre—, edo bestela badakizu, lepoa moztu! —Gizagaixo bat naiz, Maiestate —hasi zen esaten ahots ikaratsu batez— ... eta oraindik tea hartzen hasi gabe nintzen... astebetea ez du egiten... eta gurinez jarritako ogi zatiak gero eta meheagoak egiten ziren... eta tearen titileoa... —Zeren titileoa? —galdegin zuen Erregek. —Titileoa tearekin hasi zen —erantzun zuen Kapelagileak. —Titileo hitza T-z hasten dela esan nahiko duzu, noski! —esan zuen Erregek lazki—. Ortografiarik ez dakidala uste al duzu? Segi! —Gizon gizagaixo bat naiz —jarraitu zuen Kapelagileak— ...eta beste gauzak ere tiltilka hasi ziren... baina Martxoko Erbiak esan zuen... —Nik ez nuen hori esan! —aurreratu zuen Martxoko Erbiak. —Bai, hori esan zenuen! —oihukatu zuen Kapelagileak. —Berak ukatu egiten du —esan zuen Erregek—. Ezabatu azkeneko parte hau. —Nolanahi ere, Muxarrak esan zuen... —jarraitu zuen Kapelagileak, eta bere ingurura begiratu zuen, ea Muxarra han ikusten zuen, baina Muxarrak ez zion ezer ukatu lotan baitzegoen—. Honen ondoren ogi gehiago hartu nuen... —Baina zer arraio esan zuen Muxarrak? —galdegin zuen epaimahaikide batek. —Horretaz ez naiz gogoratzen —esan zuen Kapelagileak. —Gogoratu beharko duzu ba —esan zuen Erregek—, bestela zu hil araztera behartua aurkituko nauzu. Kapelagileari katilua eta ogia lurrera erori zitzaizkion bera belauniko jartzen zen bitartean. —Gizon gizagaixo bat nauzu, Maiestate —hasi zen ostera. —Hori, eta hizlari gizagaixoagoa oraindik —esan zuen erdi isekaz Erregek—. Asunto honetaz besterik ez badakizu jaitsi zaitez oholtzatik. —Ezin naiz beherago jaitsi —esan zuen Kapelagileak—, lurrean nago eta. —Orduan bertan eseri —gaineratu zuen Erregek. —Nahiago nuke tea bukatzerik banu —esan zuen Kapelagileak, Erreginari izuturik begiratuz. —Zoaz ba! —esan zion Erregek. Eta Kapelagileak tximista bezain azkar alde egin zuen auzitegitik. —Irtetean lepoa moztu diezaiotela! —erantsi zuen Erreginak, etxezain bat atzetik bidaliz. Baina etxezaina aretoko atera heldu zenerako ez zegoen Kapelagilearen arrastorik. —Hots egin hurrengo lekukoari! —esan zuen Erregek. Eta hurrengoa Dukesaren sukaldaria zen. Piperbeltz potoa eskutan zekarren, Aliziak lehenagotik bazekien bera zela, ate ondoan zegoen jendea usainka hasia baitzen piperbeltzaren eraginez. —Esan ezazu aitortzeko duzuna —agindu zion Erregek. —Ezta pentsatu ere —esan zuen sukaldariak. Erregek Untxi Txuriari begiratu zion harriturik, eta honek emeki-emeki esan zuen: —Maiestate, lekuko hau zehazki aztertu behar duzu. —Beno, horrela egingo dut —etsi zuen Erregek, eta sukaldariari begitara so eginaz, ahots sendo batez galdegin zion—. Zerez egiten dira tartak? —Batez ere piperbeltzez —erantzun zuen sukaldariak. —Ezti-hondarrez —esan zuen atzetik ahots logaletsu batek. —Atxilotu Muxarra hori! —oihukatu zuen Erreginak—. Hil ezazue Muxarra hori! Bota ezazue areto honetatik! Zigortu! Atximurkatu! Biboteak kendu! Minutu batzuetan, Muxarra handik bota bitartean, nahaspila handia izan zen, eta, denak beren lekuetara itzuli zirenerako sukaldaria ez zegoen han. —Ez du axolarik! —esan zuen Erregek, lasai asko—. Hots egin hurrenari. —Eta Erreginari ahots motelez honela erantsi zion— Orain, hurrengo lekukoa zuk galdegin beharko zenuke. Gauzok buruko mina sortarazten didate! Aliziak Untxi Txuria bere zerrenda begiratzen ari zela ikusi zuen, eta bere baitarako hurrengo lekukoa zein izango ote zen galdezka ziharduen. “Izan ere, orain arte ezer gutxi argitu baita”, esan zuen bere golkorako. Pentsa ezazue nolakoa izango zen haren harridura Untxi Txuriak bere izena irakurri zuenean: —Alizia! 11. ALIZIAREN AITORMENA —Hemen nago! —oihukatu zuen Aliziak. Eta azkeneko minututan zenbat hazi zen ahantzirik, zutik jarri zen epaimahaiaren oholtza gonarekin bultzatuz, eta epaimahaiko denak hankaz gora erori ziren publikoaren gainera. —O, barka nazazue! —esan zuen, estuturik. Eta bana banaka altxatzen ahalegindu zen. —Epaiketa honek ezin du aurrera jarraitu —esan zuen Erregek—, epaimahaiko lagun guztiak beren lekutan ez dauden artean... epaimahaiko lagun guztiak... —errepikatu zuen, Aliziari zorrozki begiratzen zion bitartean. Epaileak berriro beren onera etorri zirenean, eta bakoitzak beren arbelak eta klarionak aurkitu zituztenean, denak ezbehar haren zehaztasunak idazten hasi ziren. Sugandila ez ezik beste denak hasi ziren noski, berau oso hunkitua baitzegoen gelako sabaira begira aho zabalik. —Zer dakizu zuk arazo honetaz? —itaundu zion Erregek Aliziari. —Ezer ez —erantzun zuen Aliziak. —Ezertxo ere ez? —ekin zion Erregek. —Deus ere ez —ziurtatu zuen Aliziak. —Hau garrantzi handikoa da —esan zuen Erregek, epaileei begiratuz. Epaimahaiko lagunak arbelean idazten ari ziren Untxi Txuriak parte hartu zuenean: —Noski, Maiestate, zerorrek garrantzi gutxikoa zela adierazi nahi zenuen —esan zuen begirune handiz. —Garrantzi gutxikoa esan nahi nuen, noski —zuzendu zuen Erregek. Epaimahaiko batzuek arbelean “garrantzi handia” idatzi zuten, eta beste batzuek “garrantzi gutxikoa”. Aliziak aurre aurrean zegoelako irakurri ahal izan zuen haien arbeletan. Une honetan, Erregek bere liburuxkan zerbait idazten oso lanpetua egon ondoren, oihu egin zuen: “Isildu!”, eta bere liburuxkatik irakurri zuen: —Berrogeita bigarren artikulua: kilometro bat baino gehiago neurtzen duen edonork aretotik kanpora alde egin behar du. Guztiok Aliziari begiratu zioten. —Nik ez dut kilometro bat neurtzen —protestatu zuen Aliziak. —Bai, neurtzen duzu —esan zuen Erregek. —Ia bi kilometro neurtzen dituzu —erantsi zuen Erreginak. —Dena den, ez dut hemendik mugitzeko asmorik —ziurtatu zuen Aliziak—. Gainera artikulu horrek ez du balio: zerorrek asmatu baituzu oraintxe. —Hau liburuko artikulurik zaharrena da —esan zuen Erregek. —Horrela balitz, lehenengo zenbakia eduki beharko luke —esan zuen Aliziak. Erregeren aurpegia zurbildu egin zen, eta liburuxka bertan behera itxi zuen. —Zuen erabakia eman dezakezue! —agindu zien epaimahaikoei, ahots motel eta dardaratsuz. —Oraindik frogantza asko falta dira, Maiestate —esan zuen Untxi Txuriak, zutiturik—. Paper hau orain dela denbora gutxi aurkitua da. —Zer dio paper horrek? —galdegin zuen Erreginak. —Oraindik ez dut zabaldu —erantzun zuen Untxi Txuriak—, baina badirudi eskutitz bat dela presoak norbaiti idatzia. —Norentzat dago idatzia? —itaundu zuen epaimahaiko lagun batek. —Ez dago inori zuzendua —esan zuen Untxi Txuriak—. Kanpo aldean ez du ezer jartzen. Eta papera zabaldu zuenean esan zuen: —Egia esateko, ez da gutun bat; bertso sail bat da. —Salatuaren idazkera al da hori? —galdegin zuen epaimahaiko beste batek. —Ez, ez da bere idazkera —esan zuen Untxi Txuriak—, eta horixe da harrigarriena. (Epaimahaiko lagun guztiak ere harrituta gelditu ziren.) —Beste pertsona baten idazkera erabiliko zuen —esan zuen Erregek. —Zure baimenaz Maiestate —esan zuen Baletak—, nik ez dut paper hori idatzi, eta inork ezin dezake esan nik idatzi dudala bukaeran izenperik ez dagoelako. —Izenpea egin ez baduzu —esan zuen Erregek—, zuretzat hainbat okerrago, horrela zure errua larriagoa baita. Txalo beroak aditu ziren auzitegian hitzok esanda gero. —Honek bere erruduntasuna frogatzen du —oihukatu zuen Erreginak—. Horregatik lepoa... —Honek ez du ezer frogatzen! —protestatu zuen Aliziak—. Oraindik ez dakigu paper horretan zer dagoen idatzia ere! —Irakur ezazu! —agindu zion Erregek Untxi Txuriari. Untxi Txuriak betaurrekoak jarri zituen. —Nondik hasi behar dut? —itaundu zuen. —Hasieratik hasi eta amaitu arte ez gelditu. Aretoan izugarrizko isiltasuna zegoen, Untxi Txuriak bertsoak irakurtzen zituen bitartean: Ikustera joan omen zinen eta nitaz hitz egin omen zenion ere: Igerian ikasi ez banuen nire izaera onartu zuen. Berak esana, ni ez nintzela (denok dakigu egia dela? ): ahaleginduko balitz bera badakizu zerbait jazo litekeela? Nik bat eman, haiek hiru, zuk guri hiru ala gehiago eman, denak zuregana itzul, lehen nireak zirenak. Elkar ikusten badugu nahaspila honetan nahastuak, zuk libera gaitzazu gaitezen lehen bezalakoak. Zu izan zinen orduan (haren eromen-aldian) bion arteko sortua merezitutako auzia. Ez dezala berak jakin haren maite min handia, bion artean gorderik dadin gure sekretu larria. —Hau da lortu dugun frogantzarik handiena! —esan zuen Erregek, eskuak igurtziz—. Horrela bada, epaimahaiak delibera dezala! —Ni sinestsia nago bertsook ez dutela ez hanka eta ez bururik ere —esan zuen Aliziak batere beldurrik gabe Erregeren aurre aurrean jarrita (dagonekoz horrenbeste handitu zen). —Poemak zentzurik ez badu —esan zuen Erregek—, lana erraztu egingo zaigu. Hala ere, paperari begira segitu zuen eta hitz haiek aztertzen ahalegindu zen, baina Aliziak arrazoinamendu guztiak galarazten zizkion. Eta azkenean: —Epaimahaiak erabaki dezala auzia! —agindu zuen. —Ez! Ez! —protestatu zuen Erreginak—. Lehenbizi sententzia... —Hori bai dela inozokeria! —esan zuen ozenki asko Aliziak—. Hori bai dela, lehenbizi sententzia eskatzea! —Itxi ezazu aho hori! —oihukatu zuen Erreginak, sutan zegoela. —Ez dut nahi —esan zuen Aliziak. —Lepoa moztu diezaiotela! —oihukatu zuen Erreginak, erdi erotua. Ez zen inor mugitu ere egin. —Nork egingo dizu kasu ba? —esan zuen Aliziak (ordurako bere betiko luzera bazuen)—. Karta multzo bat baizik ez zarete eta! Hau entzutean karta guztiak goraka jauzi ziren, ostera Aliziaren burura eroriaz. Aliziak oihu txiki bat egin zuen, erdi beldurtua alde batetik, eta bestetik karta guztiak gainera erori zitzaizkiolako erdi haserre... Eta ibai ertzean etzanda aurkitu zen, burua bere ahizparen gona gainean zuelarik. Ahizpak bere aurpegira erortzen ziren orbelak kentzen ziharduen artean. —Esnatu, Alizia! —esan zion, ahizpak—. Zenbat lo egin duzun! —O, oso amets harrigarria egin dut! —esan zuen Aliziak. Eta gogoratzen zuen guztia ahizpari kontatu zion. Amaitu zuenean, bere ahizpak musu bat eman zion esanaz: —Hala da, oso amets harrigarria egin duzu. Baina berandu egiten ari da. Zoaz orain korrika meriendatzera. Horrela bada, Aliziak altxa eta korrika alde egin zuen handik, eta etxerantz zihoan bitartean ametsetako gertakizunak gogoratzen jarraitu zuen.
booktegi.eus berria.eus ITXARO BORDA Zergatik Atharratze artikuluak Artikulu hauek Berriak plazaratu zituen Lauhazka sailean 2014 eta 2017 bitartean. AURKIBIDEA IDAZLEA BILDUMA HITZAURREA MOZARTEK IKUSIKO BAGINTU ETXEKOLATZETAN AZKENA DRUMCLIFFEKO ZORABIOA AMUARRAIN INBASIO BAT ZABORRAREN ZAPOREA DRIVING TINBUKTU GALERAREN SEINALEA ARRALDE PRO DOMO CAFE BAR NANSOUTY MUSIKAZ BLAI II ZERGATIK ATHARRATZE DIDAZ DIDAM REMEMBER ANNA K. ALOS GARDEN MUNDUAN BAKARRIK FRINTZ IKARAK TXANKLETA HONDARTZAN XALA, FOR EVER GEROKO EUROTIK GLOBOAK LAU EHUN URTE MY GIRL IN THE STREET DURASEN ESKAMAK EXPRESSIS VERBIS DYLAN IS DYLAN AMETS GAIZTO ATOMIKOAK LAU HATZETAKO BI LAN LEKAROZ NEGU AROZ FIODOR 8 SAGANEN SAGA BIHAR HASTEN DA BERRIZ AMETS TOTALITARIOAK ERREPUBLIKA PLAZA IDAZLEA Itxaro Borda (1959, Baiona) idazleak bere lehen lana 1984an plazaratu zuen: Maiatz elkartearekin Bizitza Nola Badoan izeneko poema bilduma. Geroztik hamaika bider, olerki liburuak eta nobelak tartekatu ditu bide luzea eginez euskal literaturaren alorrean. 2002an Euskadi Literatura Saria eman zioten %100 Basque (Susa) eleberriarengatik. Euskal prentsan kolaboratzen du 1977az geroztik eta hainbat musika talde askorentzat letrak ere izkiriatu ditu. Bere azken lana, Odolak Su Gabe Diraki antzerkia, 2017an atera da Maiatz argitaletxean. BILDUMA Zergatik Atharratze tituluarekiko artikulu bilduma honetan, literaturaren munduak egiazko bizitzaren zurrunbiloa gurutzatzen du, etengabe: Fiodor Dostoievski, besteak beste, azaltzen da Wachowkytarrekin edo Aimar Olaizolarekin errorik gabeko hitzen ingurutxoa dantzatzen, euskarak zilegitzen duen gusturik hoberenean. Lekuak, jendeak, sentimenduak, politika eta poe(li)tika ere nahas datoz, guztia irakurtzen ahal delarik idazlearen ageriko egutegi baten antzera. HITZAURREA Narraziogile, saiakera eta artikulugile, poeta… alderdi guztiak estimatzen dizkiot Itxaro Bordari, baina, barka biezat irakurleak, bada alderdi bat ez estimatu baina inbidiatzen diodana, inbidia sanoa (bai segur! ), baina errai beltzenetik aterea. Beti esan izan dut beso bat emango nukeela La chanson des vieux amants kantuaren egilea izatearen truke. Niretzat kantugile on bat, entzulea hunkitzen dakiena, ezin baitaiteke beste ezerekin konpara. Letragile on bat kantugile bikain batekin elkartzen denean, kendu daitezela bestelako artistak paretik, haiena baita erramu boneta. Ildo beretik esan dezadan, beso osoa beharbada ez, eskua ere gehiegi esatea litzateke, baina behatz bat edo bi, bai, aise emango nituzkeela iruditzen zait Ez zaitez joan oraindik kantuaren egile izatearen truke. Erregistro asko dituen idazlea da Itxaro, ez dago esan beharrik, eta beste erregistro bat asko estimatzen diodana da parodiarena, ironiatik baino gertuago dagoena sarkasmotik (egia da batzuetan krokodil bat duela bihotzaren ordez). Parodiarako joera hori, bide batez esanda, bere lehen liburutik ageri da (aspaldiko Basilika hartan), eta nire ustetan, zorroztuz eta finduz joan da %100 Basque bikainean goien gradua jo duen arte. Estimatzekoak dira, halaber, Amaia Ezpeldoiren zikloko nobela guztiak, estimatzekoa da, aurreneko gauza, pertsonaia bera sortu izana, bere tasun eta keria guztiekin, baina haren ondoan, niretzat perla bitxia da beste narrazio bilduma bat ainitzez gutxiago aipatua: Zeruetako erresuma. Seguru asko, kontalari moduan gehien bete nauen Itxaro dago orrialde horietan. Epe labur batez aritu ginen Itxaro eta biok, beste lagunen batekin elkar hartuta, Argian txalapartari, ttakun eta herrenka. Han baieztatu nuen lehendik neukan susmoa, Itxaroz neukan irudia ezin zela “Iparraldeko gure idazlea” leku komunean sartu. Askoz gehiago zen eta da Itxaro. Gainera enteratu naizenetik Bermeo iparralderago dagoela Oragarre baino, bermatu egin naiz nire iritzian, geografia den zientzia horrek babestuta. Zaila da Itxarori igartzea zer esango/idatziko duen. Edozein muturretatik heldu diezaioke zeinahi gairi eta modu ezusteko batean agertuko zaizu plazan jantzia (edo desgisatua). Baina bada gauza bat segurua izango duzuna Itxarorekin: ez zara beti ados izango, baina aukeratzen duen muturra beti izango zaizu interesgarri, beti jarriko zaitu zer pentsa, eta batez ere, nik gehien eskertzen diodana, beti izango da ezberdin. Jende gehiegi dago beti berdin jantzia gure plazan. Ezberdinak gehiago erakartzen nau. Ezberdin du Itxarok hizkuntza ez ezik mundu erreferentziala batez besteko euskaldun arruntarentzat, Xabier Leteren koplak merezi izan zituen Antonio, Lorentxo edo Joxemari bezala Itziar, Lurdes eta Karmelerentzat ere. Ez zaigu garburarik jarri hegoaldeko gure plateretan, alferrik da. Baina hizkuntza eta erreferentzia munduaz gain, ikuspegia du guztiz ezberdina. Ikuspegia bazterrekoa duela esango dizu zenbaitek, eta ados nago bazterretik ari zaigula ‘frankotiradore’ moduan (ez dakit askorik gustatuko zaion metafora berari), baina plaza, gure plaza, sekula ez du begien bistatik galtzen, ez gurea ez mundukoa. Bi plaza horiek (azkenean plaza bera da) nola aztertzen dituen jakin nahi duenak liburu hau irakurtzea besterik ez du (nire sarrera hau saltatu eta). Lagin aproposa da. Hortxe ikusiko du Itxaro Spinozaren Etikaren laugarren partea irakurtzen Atharratzeko Piellenian, kanpoan itsasorantz pausarik gabe doan Ühaitz salbaiari adi. Ausart jokatu du beti Itxarok iritzia emateko unean, berak aitortu du inoiz “Simone Weil idazlearen eleen umilitate jakintsuaren aixolbetik abiaturik” idazten duela. Ez da aterpe txarra horratik. Gogoan dut zer zirrarak astindu ninduen lagun batek esanda ‘Batasuna, borrokan’ izeneko narrazioa Maiatz aldizkarian irakurri nuenean. Disidentearen ikuspegia eskertu nion. Plazan zebiltzan iritzietatik at ikusteak poztu ninduen. Itxarorekin harremanetan jarririk, beste bi narrazio erantsirik ‘Hiruko’ izeneko liburu niretzat gogoangarri bezain ez aipatuaren editorea izateko ohorea izan nuen. Ez daukat saltzeko. Urteak herrestan bizkor doaz, baina ez da hain aspaldikoa Bakea eta bi sos artikulu/saioa ere, Itxaroren konpromisoaren neurria ematen duena, eta, beharbada, booktegian berrargitaratzea mereziko lukeena. Zergatik Atharratze liburuxka honetan, literatur erreferentziek (hobe izango litzateke agian esatea: kultur erreferentziek) bidera egingo diote jauzi irakurleari, lapinak bezala. Itxaroren kultur erreferentziak ezustekoak dira. Alde batetik, hor ageri dira espero izatekoa den bezala, literatur klasikoak, Zola eta Tolstoi adibidez, baina gero zeinahi abisu eman diezazuke zuretzat guztiz ezezaguna den autore bati buruz, ongi lotua gainera, poliki paketatua eta erakargarri aurkeztua. Baionako karrika eta aldirietako giroa daki bi trazorekin deskribatzen, barrualdeko edozein herritatik (Oragarre beti dago hor) daki mintzatzen, Goenkale aipatuko dizu inpentsan, eta, halako batean, Aljeria agertuko zaizu edo Senegal, Katalunia, Bretainia edo Asturias. Hizkuntzekiko jakin-min eri bat atzematen zaio bestalde. Iturbegietara jotzeko nahia baitezpada. Aipatuak ikus ditzakezu, irakurle, liburuxka honetan bertan, liburu, kantu, film eta margo. Ez bazterrera bota. Aintzakotzat hartu. Ez zaizu lasto sua bezala hilko. Inazio Mujika Iraola 2017ko urrian MOZARTEK IKUSIKO BAGINTU Baionako hirian zehar lasterrez berotu ondoan izpiritua lasai eta huts daukadala aitor dut. Korrika gabiltza azkarrian odola zainetan ibai sentitzeko eta ezeren trukean irauteko prest garela berresteko inguruko jendarteak guztia diru balioz preziatzen digunean. Aldi berean, primitiboen antzera, lehen eki arraioa miretsi dezakegu ekialdetik iraizten Santizpiritu zubia pasatzean. Batzuetan bideak trabeskatzen ditugunean tuta haserretuz ozentzen diren kotxe errabiatuen artetik iruditzen zaigu zuzen beti zuzen zihoan Paris-Texas filmean Harry Dean Stantonek jolasten zuen Travis oroigarriak bihurtuak garela. Ez gara gehiago gelditzeko gai. Tematze horretan etsipena eta esperantza txirikordan asmatzen ahal ditugu. Horrela debaldetan bezala lasterrez higatzen ikusiko bagintu Mozartek bihotzetan dugun musika txikia mila aldiz indartsuagoa moldatuko zukeen. Mugimendua dugu amets. Egundainokoan. Adrenalina metatzen zaigu soberakin zainetan. Tentsio larriek amildegira eramaten gaituzte. Alta, bakoitzak dakien moduan, denbora parrasta bat daramagu geldirik eta jarririk. Ardurenean pantaila distiratsuen aitzinean. Ordenagailuek, tauletek eta urrutizkin leunek liluratzen gaituzte, bidea urrunera so eta oinez egitekoa dela ahanzteraino. Maiz gertatzen da halaber berrogei eta bost minutuz bederen beribilean hertsirik eta geldirik egotea, Sutar eta Meignon artean adibidez. Latza da Lapurdi barnealdean bizitzea egun oroz Baionara lanera etorri behar denean. Arrangoitze, Basusarri edo Arbonako jendeek pazientzia ikaragarria dutela iruditzen zait, denbora galtzen ari naizela sinesten dudan une berdinean. Irakurtzea ezinezkoa da, gogoetatzea are gutxiago. Ehun mila Travis aspertzen dira autoko giderrak gaztigatuz Bernard Charbonneau geografo izugarriak behin marrazturiko hommauto edo gizauto hibridoa bilakatzear. Abiaduraren kultuak hats bahitura eta malgorkeriara garamatza argiki. Etxe aldaketa bete-betean nago. Maubec karrikan ditut jadanik Dostoievski, Woolf, Saizarbitoria, Judith Butler eta Proust. Besteak beste. Eskumenean ditut oraindik Monique Wittigen Les Guérillères, Marguerite Durasen Outside artikulu bilduma eta Katixa Dolhare-Zaldunbide iparraldeko idazle berriaren Biribilgune nobela. Durasen perla zorrotzak irensten ditut andregaia igurikatzen dudanean Santa Gurutze auzoko Gaskoien Plazaren saihetsean. Eta gero biak, Rachid kozinari trebeak apailatu kebab zaporetsuz asetzera lehiatzen gara, Katixa Dolhareren eleberriko orrialdeetan aurkitzen bagina bezala. Meaux eskualdean. Izenik gabeko deserri gatazkatsuan hots. Alde batean Disneyland eta bestean Roissy Aireportua. Manex-Erdozaintzi-Etxartek Gauaren Atzealdean aspaldiko liburuan Pariseko giroa jorratu zuenetik nehor ez zen Katixa Dolhareren moldean horrela banlieue anitz eta gogor horien zirrikituetan sartu, bereziki enpatia amultsu ukigarria papereratuz. Xuka erabiltzen du narratzaile nagusiak, behiala Chevénement ministro aho-zabalak mespretxu txirrista batekin sauvageons deituko zituen haurrekin solastatzeko. Gazte-Luma saria erdietsi duen obra honetako pertsonaiak oro biribilgune batean daude aiduru, beraien baitako ilunak argiratu ezinik, geldoan, mundua kurritzen baldin badute ere. Nabari da egoera zaildu egin dela egile biek azpatu garai luze horretan. Behereko egoitzako neska txikia jadanik negarrez ari arazten dute. Lapurdi erdiko lo-hiriak erabat husten dira Baionako zubiak blokatuz. Irainak, laidoak eta berantetsiak aditzen dira plastikoz osatu kotxeen aizolbeetan. Irratiak berriak bihikatzen ditu asun-ura hurrupatzen dudan bitartean. Mozarten melodia batez gogoratzen naiz, Travis hil zorian aurkitu zuten, zuriz tindatu genuen atzo eskailera azpiko sotoa maitaleak eta biok, Pannecau karrikako trabestiak agurtu ninduen menturaz azken aldikoz eta Monique Wittigen hitzek urratu zidaten goiza: erraten dute, har ezazu behar duzun denbora, hizkuntza berria bilatzen duen espezia berri hori kontsidera ezazu. Haize handi batek lurra erraztatzen du. Eguzkia altxatuko da. Kopetan isurtzen zaidan izerdia idortzen dut esku-gibelaz. ETXEKOLATZETAN AZKENA Mila bider ematen ahalko diogu munduari bira, urratsek beti abiatu garen harpe eskasaren sarrerako ate kantoira ekarriko gaituzte: lehena, etxekolatzetan azkena da, eta alderantziz. Gelditu ezin. Ideia borobila neukan gogoan behin SUD-Rail eta CGTko tren gidariak greban zeudela Pariserako bidaia egin nuelarik David De Souza Blayeko poetaren konpainian. Eguna ustiatu genuen ibilian. Gorriak ikusi genituen handik itzultzeko. AHT-ean higatu hamar orduekin trenez zamatu ipuin luze eta herdoiltsua idatziko nuke. Barkatu, oker nabil: AHT horietan herdoilik ez da. Alaiiina erantsiko zukeen, loriatua, Gerezietako izeba zenak. San Sulpizio elizaren barnean kausitu nintzen beraz buruaren inguratzeko betarik gabe. Zeruan zeharreko eguzkiaren lekua iragartzeko gnomon ospetsua bilatzen nuen, meridianoa eta obeliskoa. Argi arraioak, ezpata meharrak bailiran, gurutzatzen ziren arraiki. Iruditzen zitzaidan Da Vinci Code nobelan urtzen nindoala, bazko gauerdi ondoan sarraskia konplitua zela arras. Denbora setiatu nuen ustezko amets gaiztotik jazartzeko. Gnomon delakoa hargatik ez zen piztia bat, ez zen mehatxu bat, ez zen izu-birla bat. Fikzioaren baheetatik iraitzi bizitza baizik ez zela erran nuen nirekiko kanpoko berotasun epelera jalgitzean. Han nuen adiskidea aiduru. Nire barruko menturaldi ankerrik ez nion aipatu. Zer gerta ere. Pariseko plaza horretan bertan idatzi zen frantsesezko literaturako libururik harrigarrienetarik bat. Edozein mintzairatan paperak beltzatzen ditugunon desioa Georges Perec-en 1975ko Tentative d’épuisement d’un lieu parisien obrako esperientziaren errepikatzean datza. Café baten eguteran edo San Suplizioko iturri monumentalaren maldan jartzen zen, bazter galde eta trabetatik urrun, ikusten, entzuten, usnatzen eta sumatzen zituen gauzak oro azal urdinarekiko karneta txikian etzateko. Orrialdez orrialde zihoan denboraren nostalgia eraikitzen zuen. Handioski. Etxez aldatzean atzeman dut Perec-en perlatxoa. Eta geroztik, pirtta-pirttaka, literatura joko antzera baino ulertzen ez zuen erraldoiaren hitzak irensten nabil. Santizpirituko Errepublika plaza trabeskatzen dut jada egunean lauetan. Perec-en hatzetatik lerratuko nintzateke ausartzen banintz: Senegaleko Modouren aldamenean eseri, orroaz ari diren gazteetatik urrundu, A2 eta A1 autobusen dantzak jarraitu, autoen leiho apalduetatik heltzen zaizkidan musikak zehaztu, heavy metal edo gehienetan teknoa dela oihartzen, astuntzen nauen ni-az hustu eta hondarrean pilpiraz lehertzen doan munduaz bete. Bakartasuna gustatzen zait baina bihotz ukatuen nahaspuloak gustatzenago zaizkidala aitor dut. Modouk Mbengue agurtzen du eta saldoek Aljeriaren futboleko garaipena ospatzen dute geltokiko aparkalekuan. Deus galtzen ez zuen Georges Perec-en begia ohartuko zen Errepublika plaza eta zirristatzen zaizkion karrikak ez direla emazteen eta nesken koka-leku zehatzenak. Bat bera ere ez da ageri, non ez den goitik behera belatua eta oihalez estalia: Sheherazadek gaurkoan aurpegia gorderik behar du. Igela argitaletxeak hain zuzen atera du Georges Perec Oulipo literatura esperimentala aldarrikatzen zuen taldekidearen obra berri bat euskaraz. Gizon bat lotan deitzen da liburua eta Juan Luis Agirreren eskutik datorkigu. 1967ko lana da L’homme qui dort nobela eta hirietako bakartasunak pentsamendua zertaratzen duen kontatzen du ederki. Narratzailea gristasunez troxatu eleberriko pertsonaiari hikaz mintzo zaio, solaskide soila bailuen. Idazlearen biografian oinarritzen dela diote batzuek: etengabe lotan dagoen gizona ikasle garaietako Perec da. 1974an filma bat bildu zuen Bernard Queysannek Perec-en laguntzarekin. San Sulpizioko meridianoak egunerokoak erdiz erdi trenkatzen ditu. Ez dugu inora joateko premiarik. Errepublika plazako jargia batean zurrungaz ari da behialako mozkorra. Bihar goizean ez da ezertaz oroituko eta agian hainbat hobe: enparantza kasik hutsa dela dirudit (baina badira bederen hogei bat izaki nire ikus alorrean). 63 bat. Zerrendak iraupenaren ardatzak dira. DRUMCLIFFEKO ZORABIOA Euskal Herrian ez dakigu non ehortziak diren idazle kuttunak, horrelakorik baldin badugu behintzat. Jendea jende dela orroatzen duen sozietate salbai bateko umezurtzak gara. Borrokan eroriak ez badira, hilek eta hilotzek ez dute baliorik. Mossen Bernat Etxeparen hatzetatik galtzen saiatzea aski da ohartzeko Garaziko ingurune handiosetan ez dela hipotesiak baimentzeko ere den mendreneko hatzik, Eiheralarreko elizaren atarian idazle nafarraren ohorezko marmolezko plakañoa aurkitzen den arren. Yes hori bai. Orain arte, naski, idazle haboroxeenak apezak edo notableak ziren, lokaliza errazak beraz. Liburuaren merkatua osatzeak halaber ez du memoria lantzerik zilegituko. Historiaren haria ebaki da neoliberalismoa iragana ukatzen hasi denean. Merkatua amnesia iturri dela ikasten ari gara denbora joan ahala. Ximixtaren abiaduran aitzinakoa ahanzten dugu, azken sortuaz edo plazaratuaz buru-belarri axolatzeko. Agian noizbait guk ere Total Recall filmeko Quaid pertsonaiaren moduan sasi-hiriko klinika pribatu horietarik batera zuzendu beharko dugu, moltsa hantuak besa pean, beraien izena eta izana merezi duten oroitzapen aberats batzuk garunetan txertatu arazteko! Islandia, Italia eta Irlanda bezalako herrialdeek garatzen dute idazle zenduen oroitza. Karriketan idazki eta berunezko tailuak begiesten dira, liburutegiak kafetegiak direla eta maizenean, erdi arotik datorkien literatura, herri aberastasunaren zatitzat daukatela. Yrsa Sigurdardottir, Sjon eta Arnaldur Indridasonek anitzez gehiago egiten dute Islandiaren ospea emendatzeko Reykjavikeko edozein marrazo aferagile hartzituk baino. Danteren ondorengoak Europa osoa inspiratu zuen eta Irlandako mirariez zer? James Joycen Ulysses nobelak, -noiz euskaratuko da osorik?- mundu mailako literaturaren norabidea erabat aldatu zuen. Dublin eta Sandycove Leopold Blumen eta Stephan Dedalusen aztarnez emokatuak dira. William Butler Yeats (1865-1939) jaio zen hirian lurperatua izan zen Frantzia hegoaldeko Roquebrunen hil eta hamar urte beranduago, magiaz, legendaz eta Ben Bulben menditik isuri lainoz troxatu Sligo County hartan zehazki. Poeta trebea, argi-zirrinta zelten abeslari sutsua, Pazko Errepublikanoen laudatzaile minbera –a terrible beauty is born izkiriatzen zuen 1916ko irailaren 25ean-, maite zuen Maud Gonnekin sekula biziko ez zen erromantiko sufritua, Thoor Ballylee dorrean kabitua George Hyde-Lees andrearekin ezkondurik eta herritik kanpo azken hatsa tepua eman zuena. Uste gabetarik, Drumcliffeko hilerrian gara. Arrats apalean. Eguzkia sartzera doa urdinezko auraz uherturiko tontor karratuaren atzean. Harrigarria da: bide-seinale beilegiak uaigh yeats dio, Yeats-en hobia irish mintzairaz alegia. Hilerrian, aita semeak ari dira, epaigailu baten burrunbaz, belar soberakina mozten, emazte zenbait, kopetak makur, horma grisezko elizatik jalgitzen diren bitartean. Irlandako beleak entzuten dira harramantzaz. Sarreran, burdinan moldatu kuzkurturiko izakia azaltzen da he wishes for the cloths of heaven poema lurrean bihikatzen. Yeatsen hilobia soila da, iluna. Bertan dago 1968an beste mundura joan George emaztea ere. Eta soa altxatzean agertzen zaigun epitafioa anitzetan irakurri dugu poeta irlandarra aipatzen zuten liburuetan. Irri gogoa piztu zitzaidan une hartan: hozki begira iezaiozu bizitzari, heriotzari. Zaldun zu pasa zaitez! Poetak, betierekotasunaz gozatu arren, ez dio bidaiariari bizitza ala heriotzarekiko erantzun izpirik emango. Hobe agian Maureenek adelatu porridge lekedatsuan arrapostu existentzialistak bilatzea! Gaua erori zen Drumcliffeko hilerriaren eremua irentsiz. Beleak are ozenago tematzen ziren, zeru ertzean Ben Bulben ezabatuz zihoan, gurutze gaeliko erraldoia bermatu zitzaigun larderiatsu. Haur ebatsien, maitatzeko tristuraren eta Dublineko Posta Nagusiko oldarraren poetaren hitzak mailukatuz: but I, being poor, have only my dreams... tread softly because you tread on my dreams. Eta Guiness beltzaren haguna, Sligon ... AMUARRAIN INBASIO BAT Uste nuen paperak aurtiki eta eskua gorde zebiltzan komandoen aroa bukatua zela. Aberri egunetan geunden bizkarrak ostatuko barrari emanak, solasez hordi, bat batean jendetza urratzen zuen giza ximixta susmatzen genuela, Ildo aldizkari klandestinoa, batzuen ebanjelio sakratua, ahurtaraz barreiatzen. Irudi luke jada, zenbaiten nostalgia azpimarratu gabe, egiteko era horiek berunezko mendeetako jokamoldea direla. Larunbat eguzkitsu batez, bobo zekenaren maneran, Baionako merkatuan nintzen Errobi hegietan. Gaztainak erostean, boz ezezaguna sumatu nuen: aizu, hara nire liburua, zuretzat… gauza bat nabaritu nuen zakua astuntzen, bozak liburua aipatu zuen baina pistola ere izan zitekeen! Daramadan bizitza fikziozko uhin errepikatuegia da eta nobela beltz gehiegi irakurtzen -eta noiztenka, idazten- dut. Matrix edo eXistenZ ez dira nire osasun mentalaren zaintzeko joko egokiak. Ahotsaren jabea ikusi zuenez galdatu nion lagunari, hark ezetz adiskide batekin mintzo zela anartean, gero zakuan, tipula, baratxuri eta gaztainen gainean zetzan liburua begimentzen nuela: amuarrain plantan kuzkurturiko izaki marraztua zekarren azal zuriak, leuna zen, gogorra, frantsesez izkiriatu orrialde parrasta batekin. Harridura biderkatu zitzaidan, egilearen izena arrotz nuelako erabat: Yohann Vinay-Villanua Pauen sortua zen duela hiru hamarkada eta Aspe ibarreko Bortza herrian zeuzkan erroak, artzaina ogibidez, poesiak harilkatzen ditu eta gaur egun Baionan dago. Istorio osoa kontatzen dut literaturaren bide misteriotsua, Jainkoarena bezain, zula ezina dela erakusteko, merkatu monolitikoaren aizolbetik hara jazartzen ahal zaiola irakurleari, eta bereziki, umiltasun apurra harrotuz, ez garela orojakitunak munduratu sentitzeko. Laugarren orrian hedatu Aspe izenak begiak argiz ito zizkidan, ibar ilun, hertsi, kementsu eta bizitorea anitz maite dudalako aspaldidanik: denboraz eta oinez, sasi hegietako sagar makatuak dastatu nituen, abandonu mota motelaren ikur erdi ustelduak bailiran. Maulen hazi da Astobelarra argitaletxea 2013an, Laurent Caudine mitikiltar kronikariaren apuñatik. Testuak eskualde hauetako bi hizkuntza nagusietan publikatzen dituzte, natura, jakintza, Zuberoko kultura eta aburu-sailak ardatz. Mozaik atalean atera da Yohann Vinay-Villanuaren obra berria. Carolina Herrera gaztearen Sombres mascarades poliziazko fikzio lana halaber Astobelarra zigiluaz jantzirik datorkigu. Marie Cosnay Baionako idazle ospetsuaren atzitza dakar Yohann Vinay-Villanuaren nobelak. Ez zezakeen geriza edo ama-besotako hobeagorik atzeman literaturaren sarraski-jokoan ausartzeko. Audrey Hodappek irudi poetikoak egin ditu, zuri-beltzean, arrainaren begiak eder-ederrak direla ziurtatzen digun abestiaren neurriari atxikirik, zeruan gora hegalez doazen amuarrain mitologikoen hatzetatik hain zuzen ere. Liburuan parte hartu dutenek, artisau zoharren antzera, ekiteko eta egiteko astiaz gozatu dutela garbi da. Hamahiru urteko mutiko talde baten udako oporretako bizipenak bihikatzen ditu eleberriak, arrantzan, basihizian, baloiaren gibeletik hatsanka lasterrez eta nerabezaroaren axola gabezia sentimendua garatzen dira, hitzez hitz, nabaritzen dela bederazko eleen gibelean, mehatxu eta lanjer elkorra, etorkizunaren beldurra, Aspe ibarra eta Ansabeko andere orratzak noski idatziaren erdiko pertsonaia nagusiak direlarik. Herrietako adineko konkortuen solasak entzuten dira berdin bearnesez, bai eta gazteleraz edo Zuberoako euskara pindartsuaz. Gure mendi jendetsuei eskaini oda gustagarria eta minbera da hondarrean. Askok, nolabait, jasan dugun gizarte aldaketaren muinera eramaten gaitu Yohann Vinay-Villanuak, saldarekiko milika-lapa ozenak eta garai batetik hara, guztien garunak gatibatu zituen telebistaren sukalde-mineko presentzia aitzaki: à l’heure du souper, la plupart des enfants écoutaient religieusement les lapées bruyantes des vieux sur un fond sonore de journal télévisé. Garbura eta globalizazioa, laburpen kiratsa. ZABORRAREN ZAPOREA Akkrako zikintegietan dira teknologia berri urguilutsuon hondarrak: mugikorrak, ordenagailuak, a pantaila distiratsuak eta musika entzuteko tresna gero eta txikiagoak. Goizetan, euri tropikalaren azpian, suteetarik urrina mikatz, zola heze eta kutsatutik lurrina altxatzean, haurrak makurtzen dira metalak, plastikoak eta osagai elektronikoak biltzeko. Hamar urte dituzte. Irriz ari dira. Dantzan. Maskarik eta eskularrurik ez dute molekula hilkorretarik gerizatzeko. Hilerri digital horiek araz karrakatuz apurrek familiak iraun arazteko baliabideak harrapatuko dituzte. Gerrako edo merkantziako ontzi etenduen karkasak aldiz Indiako lehorretan azkentzen dira, petrolio putzu bihurtzen direla hurbileko itsasoak. Milaka itzal konkor zinpurtzen dabiltza, burdinak eta egitura baliosak errekuperatzeko, amianto, irrati-aktibitatea ala gainerako ekai zitalak partida dauzkaten arren... adibideak biderka ditzakegu, planeta zabortegi erraldoia baita eta itsasoa gure (zar)ama. Eztabaida handiak sortzen dira zaborrak ardatz. Kontsumo gizarte hanpurusaren arazorik handiena da, ez bakarrik literarioa. Prentsa eta erramerranez datozkigun berrien arabera Lapurdi jendetsuaren zatarren ehorztegi irudikatzen da Benafarroa-Zuberoa desertifikatua. Ehorzteko, edo anitzez merkeago denez, zeru-irekian metatzeko, keak eta urrinak barreiatzen direla bazterretan arraiki Akkrako sasi-hirietan bezala. Argazki postindustrial ederrak hartzen ahalko dira, hego haize azkorrietan, kiratsak eta isuri izenda ezinez gorri ibai hantuko direnean elge, pentze eta larretan. Barnealde etsituak alaitzeko etorkizun panpoxak iragartzen dizkigute. Eta errentabilizatzeko... Alaina erantsiko zuen Gerezietako amaren kusi kokinak. Hirietan gaudenok ez dakusagu beti argi zaborrarena. Etxeetarik kantari jaisten gara poltsak ontzietara botatzeko, Aimar Olaizolak lau eta erdiko txapelketako pilota txapa gainera egingo lukeen bezain prestuki. Erraz(egi) gabiltza: paperak, janari iraungituak, lur sagar azalak, plastikoak, makilatzeko gailuak, kartoiak, errautsak, denak batera eta bost axola. Karriketan zakuak, doi-doia hertsiak, tapalakatzen dira espaloietan, zakur miazkarien meneko. Ostika bat eta zaunka bi, behialako bost axolaz gain. Ukigarria da aurrerapena, ukigarria zaborraren biderketa ahalmentzen duen garapena, garapena delarik zorionaren giltza Europaren ohitura ekonomikoen magalean. Max Richteren Infra musika zatiko talkia txikatxikaz aditzen da ezinbestez, sokorri eske. Irakurleak erranen du arrazoiekin hau poesia dela. Nehork bere baratze kantoian onartzen ez duen zaborraren poesia dela ihardetsiko diot nik. Bat gatoz alabaina zaborrak ekoizteko orduan baina lurperatzeko tokia bilatzen hasten direnean, katiminian maizenean, herri aukeratuetakoek deus ez dakitela, ez dugu horrelakorik desio, jainko maiteaz oroitzen garela tenore zehatz eta anker horretan. Katastrofe mutua da botere eta ezagupenaren aurarik ez duen herri isil, kasik ahantzi baten bizkarrera edozein zabor-sindikatuetako arduradunen erabakiaren ezpata erortzen denean. Destinoaren jokoa aitzinetik bilbatua da, indarrez, behatz ttittila mugitzeko betarik ere ez dela! Oragarre da dagoeneko harrapariei eskainia. Hogeita hamar hektareako lurperatze eremu pare bat begimenduak dituzte, auzapezari gaiarekiko diskrezioa amoinatuz. Alor horretan, bederen, udalburua ez da kikildu: iragan astelehen arratsean lehen bilkura bat antolatu zen berrehun eta berrogei herritarrek Sarrikota Peko Baserri Garbi Baten Alde elkarteko kide zenbaitekin. Idatzirik ez bada, zurrumurruak ugariak dira, burtzoratzeraino. Gizonezko askoren artean emazteek omen zuten hitza eta kemenik bizitoreena erakusten batzarrak iraun zuen denboran. Proiektuaren aurka daude guztiz gehienak, ingurumenarentzat zaborren lurperatzea baita azken beltzeko aterabidea, eta luxerako kutsakorrena. Zain eta prest egongo dira... Trastu ginenok trashtu nahi gaituzte. DRIVING TINBUKTU Jerusalem eta Tutera adina erdikoia den Tinbuktu hiriak ametsak harrotu ditu mendeetan zehar. Lur horailezko egoitzen maldan gurutzatzen dira fede ezberdinetako beilariak, gatzaren bidean kulunkaz dabiltzan gamelu karabana jabeak, seduzitzaile amorratuak eta basamortu haizetsuen isiltasuna desiratzen dabiltzan bakanak oro. 2012ko apirilean, harrituak, jarraitu genituen Mali iparraldeko hondarretan metatu islamistak, Ansar Dineko gudari tuaregek lagundurik, Tinbuktu setiatzen, matxeteak eta metrailetak ahurretan, alde orotara tiroka, meskitetan sartzen, hango egur beltzezko ikurrak aizkora kolpe haserretsuz puskatzen. Humanitatearen ondare kontsideratu esku-izkribu anitz funditu eta xehakatu ziren orduan. Noski, urrutizkin mugikorretan gatibatu mekreanten aurkako garaipenaren sekuentziak sare sozialetan zabaldu zituzten ausarki, arrakastaren boladari eutsiz, telebista pantailetan. Tinbukturen konkistak ikusgarria behar zuen. Eta hala zen. Zutabea osatzen ari naizen goiz ilun honetan Ali Farka Toure erraldoiak Ry Cooderekin grabatu Talking Tinbuktu albumeko musika balantzaria hautematen dut: desertua itxuratzen dut, hiru ehun eta hogeita hamahiru sainduen hiri nagusia, burua bubu urdinez troxatuekiko tuareg zainartak eta negu etengabea abesten duten peuls desjabetuak. Ahantzi gabe dogonak, bozoak, bamananak, banbaraz, tamaxekez eta frantsesez matazaturiko arabiarrez mintzo direnak. Beti ihesean, alde batera zein bestera makurtzeko arriskuan. Tinbuktuk Afrikako New York ematen du. Nolabait, eta zeru-karraskatzailerik gabe. Maliko hirietan hiriena gogoan nabil, hamar urte bete nituenean Parisko osabak Voyage à Tombouctou izeneko bi liburuak oparitu zizkidanetik. Bere bidaia xeheki idatzi zuen René Caillé (1799-1838) mandingaren lurretatik bizirik ateratako lehen europarra zen. Musulmana zela sinetsaraziz gordean zebilen Cailléren etxea bisitatu daiteke oraindik. Garesti ordaindu karabana ezberdinekin eta doi doia elikatuz Sahara eta Tenere zeharkatu zituen Fezera iristeko, unatua eta eri kartzelatua. Kolonizatzaile militarrei xendrak irekiz, Cailléren hatzetatik, Heinrich Barth (1821-1865) alemana berdin heldu zen Tinbuktura 1853an. Mungo Park (1771-1806) eskoziarrak bere aldetik Niger ibaia aztertu zuen, buztinezko herrian geldialdia eginez, espedizio minean 1806an zendu aurretik. Muturreko islamista barbaroen ahurretarik askatu da Tinbuktu. Meskita eta liburutegiez gain, zerbitzu publikoak, komunikazio-tresnak eta merkatuak suntsitu ziren. Frantses eta Maliko armadek elkarrekin erasotzaileak haizatu zituzten. Jagoitik jende arrunten seguritatea nekez zaintzen dela jakiten da Jeune Afrique aldizkaria irakurtzean. Gizonek bizar derrigortuak moztu dituzte eta emazteak bela beltzik gabe jaisten dira Sankara plazara. Balafoia hauteman daiteke gau erdian. Bitxia da: nehoiz ez naiz Tinbuktun egon eta nire-nirea dela dirudit kasik Baiona edo Otsabide mitikoa bezain. Abderrahmane Sissako zinegile mauritaniarraren Tinbuktu (2014) filma ikustean tinbuktuarra naiz ni ere aldarrikatzeko gutizia piztu zitzaidan. Okupazio militar hurbilaren bidaldi bortitzak agertzen ziren pantailan, lapidazioak, bortxaketak, ezkontza behartuak, mutikoei baloiarekin aritzea debekatzen zitzaien eta musikariei koraren sokak kilimatzea. Tuaregek halaber berriz entzun ditzakete Tinariwen eta Imahran Tinbuktu taldeen desert blues ukigarriak. Guztia literatura da: Moussa Konate (1951-2013) idazlearen polizia eleberriek Mali inarrosten duten ikara politikoak bihikatzen dizkigute. Habibou komisarioak etnia ezberdinetan zuzentzen ditu hilketen argitzeak, eskualdeetako ohiturak, sinesteak eta jakitate animistak eskolan barneratu arrazionalismoarekin ezkonduz. Meurtre à Tombouctou bere azken nobelak ez zion ilusioei tokirik uzten, ideologia morbido eta libertiziden banderak beltz, jendalde osoak manipulatuak eta sakrifikatuak zirela azaltzen zelako hitzen atzean. Tinbuktun datza azeriaren hatza. GALERAREN SEINALEA Bizirik ala hilik, beti, ukigarriak diren idazleak badira. Safo, Spinoza, Dostoievski edo Virginia Woolf ez ditugu ezagutu, ez behintzat Despentes, Houellebecq edo Darrieusecq gure bideetan arraiki gurutzatu ditugun eran. Hiztegiak ez ditu biziak eta hilak bereizten, zenbait, indio onen pare, hobeago baino ez direla zendu ondoren. Pentsamendua harilkatzen nuela Baztango astoak, ardiak eta (g)izakiak amesten nituen Otsondon behera zetorren arrotzaren begi zuloetara so eta galdezka: ba al dago jenderik Baztan eta Zuberoatik kanpo? Elurraren mehatxuak eratorrira kondenatu ninduen. Kataluniako Empuries etxeak plazaratu du ez ohizko liburua narrativa sailean. Maria Merce Marçalek bizitzako hondar urtean harturiko apunteak eta René Vivienen biografia mamitu zuen Jean Paul Goujon Sevillako unibertsitateko frantses irakaslearekin eduki gutun-trukaketa luzea, agertzen dira biak MMM fundazioak sustaturiko obran. Bi urtez gaixo egonik, bularretako minbiziak eraman zuen olerkaria, 1998ko uztailaren 8an. Ivarsen hazi zen 1952an Bartzelonan sorturiko bigarren mailako irakasle zereginetan zinpurtu idazlea. Ama bakartasuna eta lesbianatasuna, hala erran badaiteke, aldarrikatzen zituen. Hain zuzen ere Heura alabak eta Fina Birules andraide ohiak dute argitalpena paratu. Pere Gimferrer jaunak –egiazkoak, ez Poloniako antzezleak- kometitu du hitzaurrea, neurtitzetan, poetarekiko elkarrizketa bat aurkitzen dela eranskinetan, zeinetan poesiak noiztenka urakanaren ninikara bulkatzen ahal gaituela mailukatzen duen. Aitortzekoa dut plazer gehiago ukan nuela Euskaltzaindiak eta Baztango Udalak berrargitaratu Mariano Izetaren Dirua Galgarri hostokatzen, Maria Merce Marçalen El Senyal de la Perdua irenstean baino. Konparatzekorik ez dute, bi idazleak hilak diren arren. alta MMM-en perpausek gatibatu ninduten ni ere, idazle zintzoarekin batera, heriora abian banintza bezala. Sentsazio bitxia da, beldurgarria nolabait: gaur heriotzari josirik daramadan hirugarren eguna da izkiriatzen zuen bizimina diagnostikatu zioten 1996ko uztaila bukaeran eta aitzina zioen: ni, beste edozein emazteren moduan, bietarik bat omen nire ustez. Ezberdintasuna. Agian bularrik gabe iraun –amazonen antzera- gudari urguilutsua, herioari buru eginez oraino. La passio segons René Vivien nobela, arrakastatsua suertatu zitzaion eta poesia -Llengua abolida...- pixka bat abandonatzea gogoetatzen zebilen eritasunak harrapatu zuenean. Alabari eta maite zuen Finari azalpenak ematen segitzen dugu. Jean Paul Goujonekiko harremana ordea ez zukeen katalanez harilkatu, baizik eta frantsesez, eder eta sakonki bazekielako Louise Labbéren eta Noailles bizkondesaren hizkuntza. Intimitate gutxi letra horietan, irakasle-ikasle lotura lantzen zuten, literatura ardatz, bakarretan pataskatzen zirela, poetari menturaz Goujon jauna gizonkoiegia zela, matxistegia alegia, zirudiolako. Alabaina, Frantzian generoa, gender ildoa erran nahi dut, ez da onartzen, gramatiketatik haste maskulinoak femeninoa gainditzen baitu. Egoerak sutan jartzen zuen Maria Merce Marçal. Hatsanka igo nuen Amaiurko gazteluaren hondarretarainoko patarra. Ardi beltzek muturrak altxatu zituzten eta Nafarroako kate herdoilduak argazkitzean astoak zintzur-sudur marraka elkorra entzun arazi zidan. Bahaut! Bahaut! Haizeak balakatzen zuen kaskoan oroitu nintzen nola iritsi nintzen Maria Merce Marçalen olerkietara. Bartzelonako En Ravaleko liburutegian nengoen Helena Gonzalez galiziar adiskidearekin, ez jakin zein poesia liburu hauta etxerako autobusean ausatzeko. Contraban de Llum seinalatu zidan, oso ona da, gustatuko zaizu, gureetarik da. Yes. Ulertu nuen berehala. Ordutik ez ninduen kitatu, euskaraz apaintzen nituen bere lanak, katalanez bizitzen eta hiltzen ikasten nuela nire aldian. Badira etengabeko tristura hazten duten irakurketak. Tristura horrek hargatik poza harilkatzen du, idaztea, bizitzea bezala dela frogatzen duelako, aditzak azken hatseraino jazartzen baitira zorigaitzaren kilikatzera. Desprès, m’imagino, vindran tots els dols. ARRALDE PRO DOMO Hiru mila eta hiru ehun atal, hogei eta bat sasoi, ehunka antzezle, zuzendari, muntatzaile, musika egile eta eszenario osatzaile parrastak, segundo bakoitzean hogeita lau irudi: kontuak egin eta ohartzen gara Goenkale kultuaren inguruko zenbakiek burtzoroa ematen dutela. Biderketak, gehiketak, ebaketak, berdinketak, matematiken baliabideak premiazkoak dira telesailak mugaren bi aldeetan eragin zuen zirraraz jabetzeko. Telebistazaleak erdi banatan bereiztea erdietsi zuen: sarrerako soinua aditu orduko gorrotoa nabaritzen zutenak eta besteak, besteak fans absolutuak. Datorren abenduan pantailaratuko da azken kapitulua. Euskal Herriko harri bitxi kuttunen multzoan ezarriko dugu Goenkale erraldoia. Nahikoa estimatzen eta eskertzen jakin ote dugu? 1994tik hona, kapitulu guztiak ez baina, ETBk ekoiztu telesaila irentsi dut nik neuk ere. Mauletik Baionara etortzen ginen oporretara, ahizparen etxean Jose Mari Lasa eta Maria Luisa Galardiren arteko patasken lekuko izateko. Beranduago, ordenagailuari esker, Arraldetar belaunaldi berrien biribilketa are latzagoak hurrupatzen genituen, bargoek gazura bezala, muinean galdera bakarra bermatzen zitzaigula: gaizkiaren eta gaiztakeriaren zurubian noraino joango dira? Astetik astera harritzen gintuen pertsonaien inozentziak eta duplizitate maltzurrak. Arazo eta liskar, arrisku batetik askatu bezain laster hor zeukaten, ezkutu ederrean, leizea lizunki zabalik. Hondar holtza gainditzekoa dute Arraldetik Amarrura doan xendraren ertzetan. Telesailaren istorioan zehar uraren presentzia deigarria suertatu da. Itsaso nahasi, begi misteriotsuekiko arrain eta sakontasun abisaletan beherako erorketa itsuekiko mitologiek moldatu zuketen gutariko frankoren imajinazioa. Portuak halaber azaltzen dira handizki: ezagutzen ditugu, badakigu zein karrika datorren pantailara, goiztirietan, arrastirietan, mendekari, abegikor, galernatsu, Bermeo, Getaria, Mutriku, Ondarroa, Getxo eta 21. sasoi honetan Elantxobe. Arraun elkartean eta Arraldeko bi tabernetan iskanbilari dabiltza hiritarrak, aldizka tragiko eta komiko. Gorritxoak miresten ez dituelako ospearekiko herrian sinets ezina baldin bada ere, polizia-etxeak toki garrantzitsua dauka: bertako zeldetatik pasatzen dira Arraldeko kide gehienak behin edo berritan. Ezin uka: zortea dugu Oragarrekoak ala Bediakoak garelako! Aurpegiak gogoan daramatzagu, dantzan: Don Luis, Agustin, Maite inudea, Eusebio eta Margari, Gaizka eta Xabier, Andoni eta Gema, Isaias eta Imanol, Koldo, Leonor, Sara, Kandido, Kaxkurrio, Nekane, Alizia, Gaston, Pelos eta Txapas, Lutxi eta Xixto, Kepa eta Barbara, German, Mitxel, iparraldeko Manex, Itsaso, Tania, Malen, Abel, Ane, Mattin, Ibon, Esther, Mireia, Lukas... izenak eta izanak lerrokatzen ditugu eta oroitzapenak harrotzen dizkigute, garaian garaiko memoria finkatuz, idatzizko edozein oharrek baino ziurkiago. Begitarte horiek ospetsuak bihurtu diren aktoreenak dira. Ez ditut nire ikusle zorabiatu sekretuak lau haizeetara barreiatuko: mende laurden eskaseko ekinaren ondorioak alabaina argiak dira. Eta Maria Luisa Galardi... Baña! Baña! Baña! Zer da hau? Goenkale-k gure euskara maila, irainen alorrean bederen, aberastu zuen. Unibertsitateak tiradera ugaritako corpus bat osatu du saileko hiztegi, adiztegi, lexiko eta erran zahar entzutetsuak zaleen eskura uzteko: begira, gai serioak idoki daitezke Arraldeko egunerokotasunean errotuz. Euskaldunen arranguren eta pentsamenduen parte handia nazio-borrokak monopolizatzen zuen denboran, Arraldetarrek erakusten ziguten, gau eta aste oroz, Euskal Herri ezberdin bat posible zela, genero aldetik anitzagoa, gazteagoa, arruntagoa, oinarrizkoagoa, irudimenez haziriko mintzaira kementsuago batekikoa, kezka sozialak eta ekonomikoak asumitzen zituena. Ez hargatik baketsuagoa. Orain agian, Euskal Herria bera, pazifikatuagoa delarik, Arralde bilakatua da. Telesailari azkena datorkio ondikotz, funtzioa bete duelako sugegorri tontolapiko zital andanen gain-gainetik. Maria Luisa Galardi loreekin eleka. Hara... jakin zazue semea bi aldiz hil didazuela! CAFE BAR NANSOUTY Goiz hartan, egunak argitu gabe sartu nintzen trenean. Euri xehea ari zuen Akitaniako kostalde guztian. Burua burdinbide ordutegiz mukuru eduki eta, orain behingoz, geltokitik bi minututan nengoen. Nolabaiteko zortearen zortea. Sinagogaren aitzinetik pasatzean ohartu nintzen garaiegi zela soldadu zaindariak bertan zutik ikusteko. Charlie Hebdo astekari satirikoaren sarraskiaren ondoko asteetan jarri zituzten eta jendeek ausaz agurtzen dituzte. Iragan urtarrila hasmentako Pariseko manifestaldi erraldoian nabarmen geratu zen gobernarien eta herritarren arteko leizea. Zuloaren itxura nagusi zen etorbide zabaletan. Hondorik ez zuen. Egoerak, hauteskundeen atarian beldurra hazten zuen, burtzoroa, bertigoa. Sinetsi ezina. Azkenean, hiru hamarkada hauetan gertatua gertatu da aurten ere Fronte Nazionalarekin: haroa handi, azantz eta laido asko eta emaitzak hutsaren hurrengoak. 2017an berdin agituko ote zaigun galdezka higatzen noa. Baina haria galtzen nabil, bista laburtzen doakit eta orratzaren katua franko tapatua suertatzen zait. Eskuin muturreko ideologiaren tentazio pornografikoak gatibatzen duen jendarteko kideen azkorriko keinuak hurbiletik jarraitu nituen Bordeleko Nansouty auzoko izen bereko tabernako mahaitik. Tentazioak alabaina ez du beti bekatua egiazki eta materialki konplitzen dela erran nahi. Hor zeuden, hiritarrak eta zakurrak bilduak ostatuaren sabel hezean. Irrati komertzial baten sintoniak kontsumitzera akuilatzeko balioko lukeen tentsio ikaragarriaz hantzen zituen bazterrak. Manuek eta erretzaile amorratu eztul harpetsuek hausten zituzten berri-sailen eta solas-atrebituen leunak. Batek kafea hutsa eskatzen zuen, besteak esne negar batekin eta tauletarekin teman zebilenak ur baso batez lagundurik. Hamalau graduko tenperatura iragartzen zuen eguraldi gizonak Matrix seriearen balizko laugarren atalaren trailer-ahots sakonez. Irri gutizia neukan. Soa loaz setiaturik zeukan taxi driver kulunkariak, konkortua, ile zuri uharteak kasko pelatuan, kruasanak erregutu zizkion etxeko andereari. Tabernatik lasterka atera zen, handik bost urratsetan zegoen okindegira ernatzeko. Anartean, irratian, behialako Highway to hell abestiaren notak bihikatzen zihoazen. Su-hiltzaileen kamioia pasatu zen sirenak ozen eta airean. Argitasun urdin batek urratu zuen Bordeleko zirrinta gris herabea. Ez nintzen mahaitik kantitu. Barra atzetik emazteak xehea ekarri zidan: votre monnaie madame… bezero pare bat agurtu zuen. Sud-Ouest egunkariko lehen orrialdeari behakoa bota nion: Akizera eta Mont-de-Marsanera luzatzeko AHT edo LGV proiektuari ezezkoa eman zion ez nekien zein erakundek, antza zenez funtsezko erabakia, zegoeneko, Estatuaren meneko zetzan. Berria irakurtzean errealitatearen bikoitzaz jabetu nintzen: nork ez zuen puntu batetik bestera ahalik agudoen joateko desiorik, garestiak diren AHT trenetan adibidez, TER tturtturlarietan apotu ordez. Baina derrigorrezko abiadura, lehia ekonomiko eta hetero-arau morbidoak bezala, agian astiro suntsitzen gaituen optika ilusioa baino ez zen. Kanpora presatu ziren zenbait, zigarretak erretzeko, etxeko anderea barne. Bizkarretik minez tolesten zihoan senarrak ordezkatu zuen berehala kafe-makinaren parean. Oroitu nintzen laino uherrek Landetako oihana, pinudiak eta elektrika zutoi gorakoiak troxatzen zituztela Pettiren kantak entzun nituela, Baztaneko blues zirraragarriak, Bruce Springsteenen Nebraska albumeko State Trooper ezagunaren remix eguneratu bat eta maitasun galduz xifritu Björk handiosaren Atom Dance haluzinatua. Kikara milikatu nuen mihiz, ertzetan tanta jaisten zitzaizkion kafe malkoak hurrupatzeko. Ez nuen ezer galtzekorik. Denbora banuen: Miquel Marti I Pol poetaren Pensaments liburua jalgi nuen zakutik Txinako hiru ibaien juntako txaboletan bildu zuhurtzia maisu baten batena bailitzan. Gogoeta hegan joan zitzaidan, ihesi, ahapez moldatzen nuen hitz bakoitza bozkarioz jantziz. Munduan nintzen, munduan izan gabe, estira eta atsegin: La vida sempre té rao… MUSIKAZ BLAI II Soinu edo musikarik gabe, galduak gintezke. Hori zerabilkidan buru zokoan biribilketaz, igandean, autobide kasik hutsean etxera nentorrenean. Aditzen trinkoak ez zuen nire pentsamenduaren lasaiaz, nasaiaz, salbaiaz zalantzarik hazi behar. Bazuen aspaldi alabaina behar elea hiztegietatik ezabatu nuela: Argiñetan oren erdia hausnar arinean higatuz geroztik iruditzen zitzaidan ez nuela gehiago, hain zuzen, deusezen premiarik, ezer, bapez. Hango apirileko berdetasun distiratsuak leundu zizkidan geratzen zitzaizkidan azken muga zabarrak. Haizearen ziztu isila, bele eta xoxoen arteko elkarrizketa amultsua, Elorriotik zetorren egunerokotasuna lehiakorraren motor zurrunga zurruna… Badira gure herrian bakea dastatzeko eta erraiak bakez mukurutzeko balio duten leku paregabe franko. Zerrenda laburra datorkit muinaren kordelatzera: Hendaiako Loiako bahia, Ispasterreko Ogellak, Bardeetako ordokiak, Santa Graziko eliza, Amikuzeko oihaneko itzalak eta Baionako Aturri hegiko harrizko behatokiak… Gaztelugatxe eta orain Argiñeta. Tsvetan Todorov filosofoa amodioaz mintzatzen entzuteko inguru egokietan egokienak direla ezin uka. Hargatik Alhondigako –dagoeneko Azkuna Zentroa deitzen da…- berrogei eta hiru zutabeen artean ere gizonaren ahotsaren samurtasun sakonak oihartzun egiten zuen. Itsas bazterrik biluzienean bezala. Hitzen ozena, hatsa hartzearena, ihesi joan irri batena… Voltaire minbera handiak izkiriatu zuen behin Ahuñamendien maldan dantza eta kanta itsuki maite zuten jendeak zirela euskaldunak. Ez zuen hutsik egin, luma bezain zorrotza zeukan bista, egiazko errealitateaz jabetu zelako. Agian, erdi-aroko eresia zahar handiosetatik Itoizen abesti gozo gazietaraino, airostasun horrek irauten lagundu gintuen. Hizkuntza desagertzear, lurra galtzear, etxeak erortzear, maitasunak hormatzear… zer bestela? Koplak sortu, zizelkatu, errabiaz edo etsipenez, ahaideak asmatu, zauritik distantzia landu eta aitzina, eta aitzina, eta aurrera begira plantatu beti ON taldekoek gomendatzen diguten legez. Eta gitarra elektriko zirrista bat guztiaren troxatzeko. Adibidez, Kafe Antzokian, ez aspaldi, moment of grace batez gozatzen ari ginelako irudipena partekatu genuen Loraldiaren karietara: Joseba Irazokik Lau Teilatu deseraikia eskaini zigun, Juan Carlos Perezen obrak bere baitan zekarren zakartasun doloretsu zama plazaren minean agerian utziz. Ikara, bizkar hezurrean behera. Begia heze neukan eta ez nintzen bakarra naski. Eskerrak Espaloian eta Hutsa taldekoek gure emozioak berriz bideratu zituztela, fideltasunak eta urratu litezkeen xendrak gogora ekarriz. Mazarredon barna gero hurrengo elurte arte perpaus musikalak garunak inarrosten zizkigun eta ez naiz ziur, Iggy Pop dela uste duen James Ellroy bera ezagutuko nuenik kalean gurutzatu izan banu, haren zaunka erlastuak salbu. Ehun mila kanta baditugu papo hondoan kolpeka. Banba eta banba. Euria denean eta geltokian trenaren burdinazko errotek altzairua balakatzen dutenean ateratzen zaizkigu, hor dabiltza idazten ari garenean, berdin lanean edo ausazko ibileren abiadurak azpimarratzen: dron dron zazpi gizon dantzan demagun Zumaiako Big Boy saldokoen mantra haluzinatua ala Iñaki Mendizabalen letrak apaintzen dituen Zornotzako INUN baten melodia sarkorrak, Jeff Buckley ber piztu bailitzaigun. Halaber Mallabiako Izaro Andres eta bere lagun trebeek Crosby Stills Nash and Youngen garaiak oroitarazten zizkiguten, ahotsez eta soinuz, Larrabetzuko gaztetxeko taula gaina behin zapaltzen zutenean. Musika bidaia da. Denborak eta lekuak biltzen dira hiru akordeen magiaz. Bozen zohardiek Amerikako belardi hedatuetara eraman gaitzakete, Nebraskan alderrai goazela Tom Joaden inguma gidari, eta handik Lakarri Buztanobiko ezkaratzean aurkitzen gara ez dugu sinisten ez dugu sinesten errepikatzen ahoak eman ahala, zintzurrak larrutzeraino. Hemen daude denak, Wofgang Amadeus eta Amaren Alabak, eta gu Argiñetan, eguzki izpia irentsi eta zoriontsu izaten saiatzen… … edozein herriko jaixetan. ZERGATIK ATHARRATZE Urdiñarbeko Müsikaren Egünaren ostean, garagardo basoak ahurrean, solasaldi zinez interesgarria irun nuen aspaldiko lagun batekin. Alozekoa bera. Basabürüko hiri nagusian langile. Erran niolarik Atharratzeko Piellenia hotel jendekinean hartu nuela bizpahiru gauentzat aterpe, zurbildu zitzaidan: ez dut konprenitzen nola etorri zaitezkeen Atharratzera oporretara, hemen deus ez dago, hiltzen eta kartetatik desagertzen doan herria da... ez nekien non gorde, hondarrean, euskalduna izanagatik –ez naiz ausartuko abertzale hitza erabiltzera...- oinarrizko turista begi-luze merkearen antzera harrapatu banindu legez! Une hartan, ez nenbilen nire buruaz sobera harro... Aserik eta beterik itzuli nintzen Urdiñarbetik, zeru apaleko lainoak lantzer urtzen zirela Mendikotako ordokia aintzira engainagarria bihurtuz. Argitasun urria zetorren Ahüzkin behera eta herrialde distiratsu ohi batek jasan zezakeen utzitasunaren mehatxua nabaritu nuen zainetan. Ühaitzaren hegian gelditu nintzen, Ozazeko norabidean. Erreka, zilar isurtzen zen Maulerantz, burrunbaz, ohantzeko harri borobilak bata bestearen aurka bulkatuz. Ukitua nintzen, izpiritua nahas neukan, Maria Luisa Galardiren kalbarioa, mende heroikoetan lasterrez higatu Marisantzen destinoari uztartu nion eta erantzunik aurkitu gabe galdezka aritu nintzen: zergatik Atharratze, baina zergatik Atharratze? Etzan nintzen Spinozaren Etikaren laugarren partea irakurtzea xede. Menderakuntza humanoaz edo sentimenduen indarrez ari zitzaidan eliza eta bilkura-leku guztietatik baztertu Amsterdameko jakintsu gogaitua. Proposamenak. Frogak. Eskolioak. Spinozak, luma zehatzez aipatzen zituen kontzeptuak nireganatzen nituen astiro, eztizko edariak bailiran, onak eta oneziak barneak gozatzen zaizkidala. Loak eraman ninduen. Zalhagain eta Bosmendieta inguruetan itxeskatu nintzen, hatsanka, Larraineko gatu iheslariaren hatzak bilatzen eta batere epikotasunik ez zuten ametsak harilkatzen. Ez nintzen, alaina, poeta klandestinoa, bere lurrean zegoela uste zuen arrotz ehizatua baino. Spinozari esker, argi nuen zer eta nor nintzen. Biharamunean, iratzarri nintzenean Peillenia hoteleko bigarren gelan, Alozeko adiskideari emateko eta Atharratzen kabitzeko lau arrazoiekiko zerrenda zebilkidan kasko zokoan bralea dantzan. Hasteko eta bat, Euskal Herrian den tokirik egokiena da Spinozaren hitzez mozkortzeko. Sozialik nahikoa garesti ordainduriko isiltasunaren sakonak oihartzun bereziaz apaintzen ditu Etikaren perpausak. Leihoa ireki orduko Ühaitza salbaiaren azantz elkorrak sartzen dira ganbaran. Oroitu nintzen hamarkada parea lehenago Teodoro Monot ikerlariak Sahara desertuaz osatu lana irentsi nuela, hor, Atharratzeko pilota plazan, eki-sargian. Gero, bi, Atharratzen bezala Basabürüa osoan, üdako sasoitik kanpo deus ez dagoenez, kontsumitzeko tentazioetatik urrun hots, pentsamendua ez du ezerk mugatzen eta pentsatzea da eginbide bakarra. Lohiz emokatu xendretatik oinez jo, hausnartu eta ondorioak atera. Eskolioak garatuz. Are gehiago, hiru, ikusiz jendeak, ez soilik adin handikoak, zelan bizi diren hemen, iraupen irakaspenak erdiesten dira Basabürüan, Elsa Oliarj-Inesen Dans leur jeunesse il y a du passé izeneko filmeko gazteen baitan metaturiko iragana lekuko. Iharduki, irria, gasna, ogia, kanta eta izerdia kopetan isurtzen den ber... Eta azkenik, lau, gosaltzera jaistean irudikatua, benetan gertatzen delako Atharratzen, astelehenetako merkatuaren aitzakian: Pieilleniako ostatuko mahaian dago, arrautza eta xingar askaltzen, belusezko boza duen Junes Xuburu erraldoia. Agurrak eta ezagutzak berehalakoak dira. Ametsaren eta egiaren artean leizerik ez bailitzan eta denboraren markagailuak oro geldoan izoztu balira bezala. Spinozaren XVIII. proposamenak dioenez, desioa da bizidunaren esentzia, bere izaeran tematzera bultzatzen duena, poztasunetik sortzen dena anitzez eraginkorragoa dela tristurak hazitakoa baino. Zorionaren oinarrian, izatea, ekitea eta bizitzea daudela garbi daukat Atharratzen. Horregatik ba... DIDAZ DIDAM Apirila erditsutan ireki zen Baionako DIDAM deitu sorkuntza garaikidearen aterpe berria Sistiagaren margoekin. Ezkandraikoen kemenez egitarautu Etiopikoen karietara izan zen. Santizpiritu auzoan kokatu itsas aferen kudeaketa ziurtatzen zuen administrazioak abandonatu egoitza, agudo eta doi konpondu zen, behialako Carré Bonnat-en ixtea balantzatzeko. Kultura eta Kirola festibalaren aitzakian Raymond Depardon argazkilariak joko olinpiko ezberdinetan hartu potretak dilindatu ziren DIDAMeko hormetan: Mark Spitz, Nadia Commanecci, Lasse Viren eta Valeri Borzov… Black Panthers-en kide ziren txapeldunen esku mutur altxatuak Mexikoko podiumetan. Bai eta Municheko sarraskia. Zuri-beltzezko artelanek ez gintuzten gaztetzen. Auzapezaren, axuantaren eta Vincent Maraval eragilearen mintzaldiek ekitaldia abiatu zuten, atzean zeuzkatela pantailetan distiraz zebiltzan Teddy Rinner, Boris Diaw eta beste milioi-zaku harroak. Emazte gutxi goi-mailako kirolean… aurtengo Baionako Besten afixa kitxean bezala: xahakoak, tripa-handiak, mozkorrak, begi ezkelak, frantses banderaren hiru koloreak, denak azaltzen dira, salbu emazteak. Gauza jakina da, bestak ez dira emaxtekientzat edo/eta gay xoxoloentzat. Hondar asteotan, Kultura eta Kirola festibalaren flop ikusgarriaren ondotik Aturriko urak, Baionako herriko etxekoak baino zoharragoak direla aitortu genezake. Galderak hegalda dabiltza, demokrazia guztietan legez: diru publikoaren kopuruaz eta erabileraz, zer? Ekitaldiaren edukiaz, zer? Nondik norakoaz, zer? Quid orain arteko eta jada egingo ez diren festibalez? Herioaren ordua hurbildu zitzaien Translatines delakoei, Ruée au Jazz eta Maimorables entzutetsuei. Black and Basque jaialdia aldiz perfusioarekin datza, hedailo. Depardonen estreinaldi egunean, diskurtsoak bihikatu aurretik, ezagutzen dudan hemengo Poutinezalea jarraitu nuen Baiona Maite zaitut lema ardatz bildu hiritarrek banatu fanzinea, flyers ofizialetatik kentzen. Ardoa eskuan, beranduago, zinkurinaz ari zen bera ere, dirua luzatzen zitzaiola burrustan Kultura eta Kirola jaialdiari Bonnat museoaren irekitzeko sosik ez zegoen artean. Izerdia usnatzen zen, giharren berotzeko gantzugailu eta eguzki krema karioekin dantzan. Baionako happy few gehienak han ziren/geunden (rayez les mentions inutiles) aurkarien seinale baten aiduru: elektrika joan zen oren laurden batez eta auzoak xuxurlatu zidan errudunak anonimous ospetsuak zirela! Gustatzen zaigu lanjeroski bizitzea. Alaina… Bi urte hauetan Lapurdumeko kultura larre-motza, ibilera bortxazko ugaldizatze oldearen meneko dago eta horrek ez du ezer onik hitz ematen: Ugalde axuantak, plantakoa eta gisakoa bestalde, sinesten du, errepikatzen duela buklean, kultura, ekonomiaren ezpata zorrotza dela, hiriari txintxina eta Lesseps kaiko bederatzi ehun metroak urbanizatzeko bultzada ekarriko diola. Jaun horrentzat mundua zartatu zenetik biribildu kultura aktarik erraldoiena 1932an gertatu zen, Baionako Bestak lehen aldiz ireki zirenean. Bost axola Victor Hugo edo Roland Barthes noizbait hemen egon zirela jakitea. Funtsean, kontsumitu behar da, itsuki, falangaz, kirola, xingarra, txokolatea, zirkua, herritarren diruaz Hollande presidentearen emaztegaiari joan-etorri lasterra eskainiz edo Levalloisko dojoak 8300 euro hilabetean ordaintzen duen Teddy Rinner Baionara tirriaraziz. Eskandala bat, Paris aldeko taldea gorrian dagoelarik finantzen aldetik. Ezen kultura, jende horientzat, ez da sekula euskarazko, okzitanozko, gaztelerazko, arabarrezko edo sefardien hizkuntzaz ekoiztu ekimen lokala. Hori da Baiona hargatik, kostaldeko edozein hiri baino anitzagoa, bihurriagoa, sentiberagoa, alaiagoa, kezkatiagoa, bere zoritxarrerako, herrikoiegia… Bi udaberri eskas boterera hupatu udaletxeko gizon-emazteek Kultura eta Kirola festibalaren estakurua baliatu zuten, agian, hauteskunde kanpaina denboran, beraien alde, hortzez eta haginez, zutitu baionarren sariztatzeko. Porrotak, Leon erregea biluzik utzi zuen. Eskerrak JR-ek ezezkoaz erantzun ziola BO eta AB taldeen fusioari. Labeak bero darrai… REMEMBER ANNA K. Moskuko geltokian Wronsky printzearen eta Karenina estatuko gizon puxantaren andrearen arteko begirada sakonak, omena eta fama salbu, artean elkar ezezagutzen zirela, literatura aldatuko zuen errotik. Melodrama perfektuak, Happy end-ik gabe, luzerako zizelkatuko zituen izpirituak, Hollywoodeko zinema industriari oparotasuna ziurtatuz. Gustave Flaubert handiaren Emma Bovary baino ausartagoa zen Anna K., eslaviar arima zeukalako, Petersburgo eta Moskuko distiren lurrinetan bururaino joateko, hazia eta hezia. Leon Tolstoi ohitua zen hatsa eta eraman erraldoiko eleberriak plazaratzen. Gerra eta Bakea nobelak adibidez, Errusiako estepa hotzetan Napoleon frantses enperadore konkistatzailearen falanga gosetua nola trabatua suertatu zen kontatzen zuen, Berezina ibai ankerrean herritarrek jolastu fantasia heroikoa ahuspatuz. Anna Karenina obran bederatzi ehun orrialde behar izan zituen amodiozko istorio minbera eta ukigarriaren orrazteko. Hemen ere gertaera intimo indibidualak nahasten zituen Errusiaren destinoaren gorabeherarekiko zantzuekin: 1908ko lehen iraultza bezperan gaude, esklaboak askatuak izan dira, laborari eta langile soil bilakatuz, Europako eztabaida politiko eta ekonomikoez jakitun direla lur eta kargu jabeak. Nobelan zehar agertzen dira eztabaidak, aitzinamenduaren aldekoak, kontrakoak, armadaren lekua, elizarena, moralak duen garrantzia… Azken asteotan treneko bidaia asko neuzkan iragarriak. Liburu mardula bilatzen nuen, hosto andanak denbora pasatzen lagunduko ninduelakoan. Errusiar literatura gustatu zait betidanik, eleberriak, poesiak, lekukotasunak… Fiodor Dostoievskiren konpainiaz gozatu nuen, urtea baino gehiagoz, bere idazle egutegiarekin bukatuz, tristura bat bihotzean, irakurle-pasionatu ibilaldia akabatzen zitzaidalako hain zuen. Uda honetan, Anton Txekhovekin batera ausatu nintzen kartzela-kolonia moduan antolatu Sakhalineko uhartean, goiti eta beheiti, ezker eta eskuin, noizbait –jada egina ez baldin bazen…- euskaratuko nukeen Kaia Txoria antzerkia eskaintzeko, balizko casting batean, zein antzezle aukeratuko nituen irudikatuz: Patxo Telleria, Itziar Ituño, Mikel Martinez, Loreto Mauleon eta Martxelo Rubio… Ez nekien zein obra hautatu. Michel Onfray filosofo frantsesari egin zitzaion Prousten galdeketak argi zirrista bat piztu zidan. Bertan aitortzen zuen, bere emazte zenak bai, baina berak ez zuela nehoiz ukan Anna Karenina leitzeko kuraiarik. Denbora eskasez. Tirria faltaz. Karta bat neukan ahurrean, pista bat irekitzen zitzaidan. Arras konbentzitu ninduen Goenkale 17 sasoiko atal batean German Madariagak, urtebetetzerako, Ines bere erizain partikularrari Anna Karenina nobela oparitu ziola ikusteak. Ondoko minutuan, Baionako Espainia karrikako Alinea liburu dendako norabidean nengoen, zanpa-zanpa, esperantzaz hegalda. Eta geroztik, ez diot, liburua ireki eta Hendaia-Donostia arteko Euskotren batean erabili txartelak markatu orrialdera hupatzeko plazerari uko egiten. Zorion hutsa da. Anna Kareninaren izaera distiratsua, amultsua, tragikoa, infernurainoko erorketan jarraitzen dut geldialdiz geldi aldi: bost axola zait Toulouse-Matabiaura iristean bi orduz oraino Intercité honetan malgortzekoa baldin banaiz, alderantziz, nahiko nuke denbora horma dadin, irakurle bakartasun bekaitzak menderen mendeetan iraun dakidan. Eta ohartzen naiz, bera ere lur-jabea zelako agian, Tolstoiek xeheki agertzen duen jendarte errusiarraren ereduak usteltzen doazela, maisu eta mutilen arteko harremanak uhertzen, aristokraziaren boterearen higatzea… baliteke gainera nobelako beste pertsonaia ardatza den Kostia Levine baserritarra bere itxurara sortu izana, kezka eta xede berdinekin. Trenak ekarri, trenak eroan Anna Kareninak eta Wronsky printzeak dastatu amodio ozpeñan oinarritzen da eleberriaren unibertsaltasuna, guztiz gehienek, erraiak literalki behin erre dizkigun antzeko sentimenduak uste ez genituen lekuetara bulkatu gaituelako: zorion guztiak antzekoak dira, baina zoritxar bakoitzak bere traka berezia dauka… ALOS GARDEN Egia handia ebidentzia gisa altxatzen zitzaigun, urriaren 10ean, Baionako Lauga gelan geundela, bildu-bilduak Oskorri taldearen despedidaz gozatzeko eta hainbat standing ovation herrokatuz berrogeita bost urtez eltze guztietako zali izan diren soinulariak eskertzeko: Euskaldunon herriak, menderen mendeetan zehar, iraun baldin badu musikari, kantari, bertsoari esker izan da. Ez da misteriorik, melodia eta hitza iruteko nahikunde zohar eta intimoarena salbu. Barkatu errepikatzen banaiz: Antxon Latxak hasi Gaztelugatxe jarraitzen zuen Natxo de Felipek lur altzo honetako jendeen bizi-filosofia laburtuz: inoren zapaltzeko gogoa, zapalduak ez izatekoa, hau da gure urguilua altxor guztien iturria… atsegin hutsa zen, zoriona, handien, txikien, adinekoen, hizkuntza ezagutu gabe abestiak maite zituztenen begitarteetan hedatzen ikustea. Lau hamarkadako elkarrekiko bidaia bat bukatzen zitzaigun Baionan. Trenetik jaisteko unea iragarri ziguten Oskorrikoek. Ikus-entzuleak oldeka altxatzen ziren, beste bat galdatzeko eta taldeak hiru gehiago ematen zituen kemen, indar eta bozkario uki-ezina ezpainetan, behin, berritan… nehor ez zen aspertzen, haurrak eta gazteak fandangoa fura-furatzera lehiatzen ziren kiroldegiaren bazter batera, mutiko eta neska pare bat tauladaren maldan zegoela zoratua artistei beha. Ziur nago, gau hartan Baionan, eta Maulen, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Bilbon aurkituko direnek Oskorri non, noiz, norekin hauteman zuten gogoratzen saiatu zirela. Ondorioak beti handiosak dira. Xanpaina txistu bat bederen merezi dute. Mila esker Oskorri. Eskerrik asko Goenkale. Baina bizitza aitzina doa. Arren Iker Goenaga jo ezak trikitia! Emak hor Bixente Martinez! Ez gaituzue aseak, alderantziz: alde horretatik ez dugu bakerik nahi, gitarra zirristak eta atabal kolpe elkorrak baino, bihotzak urratzeraino. Winston Smithek, aukera ukan balu, Kantauriko lehorretan errotzea desioko zuen. Halaber, nire adiskide Svletana Alexeievitch bihotz berak, Bielorrusia eta Ukrainako muga zitalak utziko balitu. Xabier Zeberio, Francisco Herrero, Lorena Nuñez eta Pello Ramirezek osatu Alos Quartet saldoaren musikak hozka gainditzen laguntzen gaitu: gainean daukagun negu ederraren soinu banda osatzen du jadanik, Ken Zazpiren lan berriaren aiduru gaudela… Tristura, hargatik, hazi da hitzaren hegietan: Chantal Akerman zinegileak utzi gintuen, kameraren itzala jarraitzen genuela Hotel Montereyko pasabide ilunetan barna. Heriotza bertan zetzan, zelatari. Belgikarraren obrak mendeak markatu zituen bereziki Marcel Prousten La Prisonnière nobelaren egokitzapen distiratsua eskainiz La Captive izenburuarekin. Halaber, Suediako Ystad hirian, Kurt Wallander umezurtz bihurtu zen Henning Mankell zendu zelarik. Eritasun luze baten ondorioz, erraten den bezala. Erein argitaletxean euskaraz irakurri daiteke sailari hasiera eman zion Aurpegirik gabeko hiltzaileak eta ARTE katean Kenneth Branagh ipar irlandar antzezlearekiko Wallander serieko atalak ikusgai daude. Milesker Chantal. Eskerrik asko Henning. Oskorriren despedida berotik landa, berehala piztu zen Oskorriren kantuenganako nostalgia. Batzuk Arestiren oroimenezko obra berrentzun zuten, Bartzelonako ikasle mutilei zuzendu maldizioak hotz ikara eragin ziela bizkar hezurrean behera, besteek Desertore albumaz sakonago gozatuz zebiltzan eta gainerakoak, ostiral arrastiri batez Baiona Ttipiko Xina tabernan juntatu ziren Nat eta Pat soinulariekin batera, abestiak ahoak eman ahala aireratzeko. Alegrantziarik beteenean. Aspaldiko ezagunak zeuden, elkarri besotik heldu eta garagardo basoak ahurretan. Ezpainetan zeuzkaten irriek iraupenaren eta berrogeita hamar urteko berunezko txapa lehertzailearen azpitik bizirik ateratzearen atsegina erakusten zuten. We Are belarrian, Zazie pantailan, Chantal Akermanen hitzek norabidea azpatzen digute: iraungo dut, baizik eta idazten baldin badut. Eta funtsean, han edo hemen, zer axola. Nire bizitza, bizitzarik ez dut. Ez dut jakin baten egiten. Garden gardenak. MUNDUAN BAKARRIK Badira zutabeak axola gabeziarik lotsagarrienean hasten eta odolak bustiriko paperean tragediak etzanez bururatzen direnak. Itzulerarik ez duen puntu horren korapiloan garatzen da literatura izendatu nahiko genukeen zera hori. Nehork ez du ukatuko. Larunbat arratsaldeetako jendetzetarik urrun irudikatzen ditugu gure urratsak. Baina hirian bizi gara, karrikak berdinak dira denentzat eta ez dukegu denbora askorik Ikea bezalako ez-leku komertzial hutsetan pasatzeko –bereziki sosez zuhur gabiltzanean. Eta behar bada, neurri batetik hara, ez dugu ama-ontzien antzera moldaturiko toki horietan, merkearen merkeaz eskaintzen zaizkigun gailu, arnes eta girgil distiratsuen beharrik. Garapen ezaren hiztegi entziklopedikoa eskuratu berri dutenen artean kausitzen naiz ni neu ere andregaiak zorriak zartatzen bakarrik utzi ninduenetik. Edo porruak landatzen. Edo antzarak ferratzen. Edo La Décroissance hilabetekaria, kaskoa karrakatuz, irakurtzen. Lean eta kaizen kudeaketa moduaren ondorioak pairatzen hasiak gara jadanik, gastuen murrizketa drastikoak eta talde gero handiagoen osaketak, behere mailak arras urtuak, itoak, urkatuak suertatuz, bai lanaren alorrean eta bai politika mailan Frantzian super-eskualdeak eraikitzearekin. Laster batean, George Orwellen edo Aldous Huxleyren nobeletan bezala, lur azala botere politiko bakarrak gobernatuko du, bortitz eta zakar. Hizkuntza minimalista batekin, historiarik ez, geografiarik apenas, falanga eta terrore kontsumistaz aparte sentimenduak debekatuak diratekeelarik. COP 21 izeneko gailurraren hurbiltasunak, aurrekari erraldoien itzalean, distopiak asmatzera akuilatzen gaitu: Kasandra sakrifikatuak izateko sortu gintuzten. Antizipazio eleberriak maite ditut betidanik. Matrix eta eXistenZ filma zoragarrien zalea naizela badaki irakurleak, nahiz eta xehetasunak interes handirik ez duen bake prozesuaren geldikeria salatzea hobesten duen euskaldunon sozietatean. Lehentasunak badira, eta horietan noski, ez da aurkitzen Riddle Scotten Alone on Mars obraren ikustera joatea, hain zuzen Deiadar manifestaldia iragarria delarik Lapurdiko hiri nagusian. Zinematik jalgitzean eta ezagunak gurutzatzean egiazki bakarrik gara Baionan. Batzuetan barka ezintasunak eramaten gaitu eta menturaz Matt Damon ez zen gu bezain arrotza sentitzen planeta gorri lanjerosean. Espezialistek erranen dute ez dela Riddley Scotten lanik distiratsuena. Arrazoiekin, Blade Runner edo Thelma eta Louise gogoan atxikitzen baldin badira. Oinarrizko blok buster bat da, efektu bereziz mukuru, soinu-banda ozenarekin, 3D betaurrekoekin begiratzekoa. Sei astronauta amerikar Marten dabiltza eta galerna sideral baten karietara izarbela abandonatzera bortxatuak dira, Matt Damon gaizoa gabe. Bi orduz, gizona, baldintza latzetan bizirauten saiatzen segitzen da, lurrera datozen beste bost kideen erruduntasun zantzuen hantzearekin batera. Halaber, gerra filma bat dela erantsi genezake, Ipar Amerika hain bakarrik versus mundu osoa, denak beraren aurka ligatuak. Borreroak bere jarrera biktimizatzea lortzen du eta zinean bilduek amerikarren salbatzea txalotzen dute bukaeran. Ohikoa da kantua… Matt Damon, botanista abilak erdietsi zuen lur sagarrak ekoiztea Marteko errautsean, astronautek bertan ehortzi gorotz poltsak birziklatuz. Ikusgarria. Horrela iraun zuen. Baratza egitera zihoala, ongi baliatuko zitzaion Argia astekariko Jagoba Errekondoren liburu arrakastatsua. Pantailan noiz agertuko zitzaidan aiduru nengoen. Eta gero, Madisoneko bidean eratorrian galduriko Clint Eastwoodek bipildu azenarioak erantsiz, Meryl Streepen zuzendaritzapean, hiruak salda zaporetsuak egiten irudituko nituen. Orduan nuen Pariseko sarraskiaren berria ikasi. Seko gelditu nintzen zozokeriak idaztetik: grabetasun latzaren berunak neuronak haserrez eta tristuraz hantu zizkidan. Herioa barreiatzen zuten zirtzil horiei ez nien barkatuko. Matt Damon eta asto beltxarenak bakarrik abandonatu nituen Marten, amerikarren zabor meta erraldoiaren maldan, hausnarrean eta laguntza eske. Haserre eta triste beratz darrait, Pariseko Bataclan kontzertu lekuan ehun eta hogeita hamar erailen izenean. FRINTZ IKARAK Euria ari du. Etengabe. Panterak jauzi egin zuen geltokiaren gainetik. Soak abere antropomorfikoarengana luzatu ziren, miresmeneko oihuen harramantzak oihartzun. Gizonetan ausartenak pistola armatu eta lau bala tiratu zituen airera. Oldeak ez ziren fida. Elurteak iragartzen zituzten anartean eta jakintzaren zidor malkarretan barna behaztopatzen ziren zuhurretik gutxi zuketen bizi-zomorroak. Izurrite uhina hurbiltzen ari zen. Kafkak Darth Vadoren konpainia bilatzen zuen gazteluaren har-mailetan jarririk. Labana zen malenkoniaren horma eta trenaren zaratak ez zuen giroa sosegatu. Gor mutuek letrak ezabatzen zitzaizkien liburu apokaliptikoak hostokatzen zituzten arrats apaletan. Dendara ernatzen ziren saldoan Paola Letalbergen Joy Stick azken nobela eskatzeko Anselm Kieferen berunezko hizkiz moldatua zelako. Ahotik ahora aipatzen zen lau ehun eta hirurogeita zazpi plametan bihotza iradokitzen zaion planetaren bilakaera bihikatzen du ironia eta samurtasun anker artean. Nortasun finkorik ez daukan pertsonaiak negar perlen buztinetan pausatzen ditu nabaritzen duen tristura eta ezintasuna: debalde izan ote dira mende eta hamarkada astunetako langintzak ? Aberea bezala munduaz desjabetua balitz? Urakanak itoko duen itsas mineko uharte mehatxatu bat? Galderak, gure partez, lerrokatzen ditu idazleak. Egia da gerra elkorrak erretzen duela lurra. Zozo hutsa izan behar da bakeaz eta biolentzia ezaz amets egiteko. Besterik ez du berresten Paola Letalberg handiak plazaratu duen obra distiratsuan. Panterak, lehoiak, tigreak eta bularralde oparoko emakume larderiatsuak sartzen ditu Dow Jones puntuak kalkulatzen diren burtsetako zirkuluetan eta ondorioa sinetsi ezina da: jendeak uste du abereak baino gehiago dela baina ez da aparantziarik ere hala. Alderantziz. Atsegin sadikoaz gozatzea xerkatzen du orroaz eta atzamarka. Bere gabeziek eragin zepoetara erortzen da, aurrean duen lehen untxi inuzentearen antzera. Soilik Aliziak daki izaera salbatuaren giltza Urtsua jauretxea zaintzen duen zakur beldurgarriaren hortz artean dagoela. Paola Letalbergen Joy Stick eleberri mardula ez da euskarara itzulia. Menturaz ez da nehoiz itzuliko, zehaztea zaila den hizkuntza batean idatzia delako. Betirako ez aski eta egundainokoan sobera datoz desagertzear diren mintzaira zimel hauek. Ele-aniztasuna bekatua denez, barkagaitza, mespretxurik larriena merezi dute. Letalbergek gaur Babel dorrea eraikitzea xede du, urratsez urrats, behialako elkortasunaren kakofonia amniotikoa sustatzearren. Musika bakarreko sintoniaz aspertua da Bozateko kultur parke zabalean zutik, Xabier Santxotenak zizelaz irudikaturiko oprimido inconsciente deituriko obra konkorra. Zainak jabaltzeko Star Wars-en zazpigarren atalaren ikusten izan nintzen. Hiria zeharkatu nuen oinez. Aizinantetarik nintzen famaz. Abiadura subliminikoak, 3 D-ko tramankuluak, R2-D2, BB-8 eta C-3PO droida estoikoak, aspaldiko heroia ezagun bezain jada zahartuak, Pascal filosofoa bera izuz taratailatuko luketen muga gabeko espazio hutsen sakonak gustatu zitzaizkidan pantaila betean. Jendearen imajinazio ahalmenaren hedadurak harriturik utzi ninduen brika eta brokaz osatu hainbeste hegazkin, bizidun, robot eta pizti lehertzen, zartatzen, gaiztotzen, baketzen, hantzen eta hertzen jarraitzearekin: zoratzekoa bazen… Semeak aita hil zuen eta Han Soloren dolua eramatea erabaki nuen, mantalet eta kapetan… Chewbacca txinpantzea bezain etsia nintzen alabaina etxeratzean. Angeluko Begiz Begi post-trad-rock taldearen Joan Ihes Egin Baino Lehen diskoa jarri nuen eta Paola Letalbergen liburua ireki madarikatzeen kapituluan: musikaren beltza ederki ezkontzen zen idazlearen kalipu inperfektuarekin, ez zen horretan geldituko, aitzina behar zuen, indarraren malda ilunenetik baldin bazen ere: behatz makurrak bilduko direnean zu eta ni bakun lehergarrian, lurraren erraiak zartatuko dira eta odolez gose Basajaun transformista agertuko zaizu Aritzakuneko xendraren erdian… Irlandan dago Luke Skywalker, zorionez. TXANKLETA HONDARTZAN Neguko igande lainotsu batez, euskal literaturak kokagune gisa hain maite duen Vieux Boucauko aintziraren inguruan nenbilen hausnarrean. Honetaz eta hartaz. Baldeaz eta debaldeaz. Muntaz eta desmuntaz. Arrangura dorpeek lehertzen ninduten Paola Letalbergen Joy Stick liburu lodikotean itotzen hasi nintzenez geroztik. Une hartan nerauk nekusan Landetako hondartzara uhinek bulkatu txankleta bakun berdina aipatzen zuen, luze eta zabal. Literaturaren eta errealitatearen parekotasunak erabat txunditzen ninduen. Poztu ere nintzen nolabait, sosegatu, baketu. Ez nion ordea nire barne-balioari etekin baikorrik iradoki. Hori, zegoeneko, zaila zitekeen. Europako bost izar horailez takatu aztal azpia eta behatz artean ile gozoz azpatu lotailua zeukan urdin koloreko txankletak. Idazlearen duda pairatu nuen: surfari batek ezkerreko korrontetik jazarri ur oldean erantzi oinetakoa zen ala Senegaleko lehorretik, eman dezagun, fortunazko ontzi amilduren batean sartu kide txiro baina ausart batena? Senegal nioen, marmar, Atlantikoko uholdeak itsasoak irentsiak oro Bizkaiko Golkora bultzatzen zituelako. Duela gutxi, Bilbora desbideratu aurretik, aski zen ikustea zein nolako eratorria marraztu zuen Panamar bandera peko Modern Express zamaketari astunak. Txankletari begira geratu nintzaion. Alferkeria hutsez naski. Kuzkurtu nintzen, belaunikatu hots, ipar okituaren eta hego pikarraituaren harremanaren ikurra zirudien zapatatxoaren parean. Jon Arretxeren Mamadou Touré detektibe-sendatzaileari deitzekotan egon nintzen: hark deseginen zituen bizitzak, errealitateak eta uste komunak txirikordaturiko korapiloak. Agudo. Bi grigria, lau otoitz beltz eta Ali Farkaren gitarra nota zilar andana bat, Niafunketik zuzenean. Txankleta ihesi joan zitzaion emakumea edo gizona irudikatzen hasi nintzen eta nonbait nabaritu nuen pertsona hura jadanik gurutzatua nuela Santizpirituko karriketan. Gurutzatua eta solastatua bistan dena. Ezagutzen ez ditudan lekuez ari naiz. Bara-bara. Nazioarteko turismo gida-liburua osatzen ari banintza bezala. Badakit barka ezina naizela. Txankletaren umiltasunak hargatik urtu ninduen, erabat ezabatu eta bat batean Etiopiako lur-urrakoan doi-doia bermatzen zihoan Luzia australopitekoa nintzen, sumendien mehatxupean belarrez eta txori haragiz aserik bizirauten saiatzen zena. Permiar aroko zazpigarren suntsiketa boladak ekarri zuen hormatze garaiak Isturitzeko harpeetan kausitu ninduen, neandertal ameslari trakets eta gaurko klima aldaketaren atarian egiaren eta egiantzaren urmelean igerika nabil, (beraien) egiaren lehentasuna aldarrikatzen dutenen harkaitzetan haustear. Betidaniko emigranteak gara. Egundainokoak. Lesbosko plaia hertsian zenduriko Aylan Kurdi gaizoaren sendi globalekoak. Jendetasunaren geneetan datza altxatu eta ibiltzea bezain mugimendua egitean txankleta, bizitzarekin batera, galtzea. Etxetik lan-bila sekula abiatu ez denak bota biezagu harria… Dagoeneko miresten dudan Paola Letalbergek, bere buruaz beste egin zuen Stefan Zweig austriarraren ildotik idazten du izkiriatzaileak noizbait, behar diola fikzioan murgiltzeari uko egin, errealitatearekin tematzeko, adarkatzeko, zitzikatua hondoratzeko: utzi ditzala patetikoak baino ez diren Lantainako alabaren auhenak eta CAC40 indizea hantzen doazen aberats-ondoei edo iparraldeko Herrien Arteko Lankidetza Erakunde Publikoa, berantetsia, sakrifizio galantak eginez, martxan jartzen dabiltzan happy few apurrei interesatu dadila. Aipatu ditzala halaber, nahi baldin badu, Baztango bihotzeko Lekarozko bazter batean eraikitzea xede den, Nafarroako Gobernuak baiezkoa emana dio gainera, urbanizatze, hotel eta golf zelaiaren Aroztegia proiektuaren nondik norakoak… Errealitatearen seduzitze indarra salatzen dute oharrez ohar, beraien egia sutsuki defendatzea hobesten duten pentsa maisu morbidoek. Zer da txankleta abandonatu baten balizko tragediaren funtsa Vieux Boucauko hondartza desertatuan? Paola Letalbergek dio: begiak zerratzean ikusten duzuna da hitzez azpaturiko zure xendra. Zalantzarik ez. Anakin ere zahartu da. XALA, FOR EVER Zenbaitetan liburuak mantso hostokatzen dira. Urrats nagien antzera. Denbora muga gabea bailitzan. Paola Letalbergen Joy Stick nobelarekin tematzen naiz oraino. Pertsonaiak, aldion, Elektra gaizoaren kalbario bidean galtzen dabiltza, izenak eta izanak galduz. Greziar mitoa maitasunaren oinarriez mintzo da, sakon sakonetik, hitzen bizkar, minaren garratzeraino. Erraz uzten dut liburua: Nit I Dia telesailak zoratzen nau bai eta Eibarko Astelehena ezker-paretan, Xala gureak, hegoaldean eskaini zuen azken pilota partiduaren etengabe berrikusteak. Norbaitek, noizbait, beharko luke Xalaren biografia harilkatu: hamasei urtez plazak eta segitzaileen bihotzak inarrosi zituen. Iparraldeko mutiko bizitorearen istorioa eredu interesgarria izan daiteke mugaren bi aldeetako batasunaren ideiaren sustatzeko, holako zinezko xederik balego behintzat… telebistako irudiak halatan literatura bihurtzen ahal dira, adibidez Paola Letalberg idazle trebearen luma pean. Jakina da, ordea, andereak ez duela kirola gogoko, FIFA erakundeko Sepp Blaterren inguruko ikerketa batean parte hartu zuenez geroztik. Eguerdiko bazkaria botatzear atera zen aipatuko ez dudan Suitza erditsuko herri bateko jatetxe panpoxetik. Pilotarekin alabaina ez dago (oraindik) horrelako bihozterrerik… Lekuinen sortu zen duela hogeita hamabost larrazken eta Xala izengoitia eman zioten, Panpi Ladutxen gomendioz 2000. Urtean, Aspe enpresak kontratatu zuenean, Sebastian Gonzalezen ondotik. Frontisaren maldako laukian pasatu zituen beraz, gaur arte, hamasei sasoi, txapelak eskuratuz eta ardura bigarren bukatuz. Ez dakit pentsatu duzuenez sekula zer nolako jenioa premiazkoa den aurreko espazio hertsi eta sublimean irauteko, esku huska eta besagainka ausartzeko, txapa etsai, abileziaz eta jukutriaz arerioa engainatuz, tantoak egiteko. Segur aski, erraiak iraultzen zitzaizkion, ikuslego metatuaren aupak eta txaloak entzuten zituelarik, pilotari ederra zelako funtsean. Ez zuen nehoiz asebetetasuna irri bakar batez azpimarratu: kopeta apal, tematsu, plaza orlegietako killer bat zen… osagarria alde zuenean. Trinketean jolasten jarraitzeko xedea omen du. Otsailaren 21eko Eibarko partidua finitzean ETBko kazetariari erantzuteko unean sumatzen zitzaion tristura sakona arintzeko balioko dio agian erabaki horrek. Milimetroan neurtu eta ebaki leku mitikoetako –aski da Elizondoko Antxitoneaz oroitzea- nagusi zela pasatu zen hegoaldeko ezker paretetako txapelketetara. Elizetan bezala isiltasuna egiten da trinketetan, pilotaren klaskek odol malguaren taupadak, erritmoan, lauhazkatzen dituztela. Txalapartaren antzera, pilotak, garai primitiboetara bulkatzen gaitu: Yucataneko Chichen Itzak toki sakratuan ari ziren maiar leinuko pilotariek hil ala biziko erronkak antolatzen zituzten... Uste dut Paola Letalbergek baduela horretaz orrialde pare bat izkiriatua. 2000ko ekainaren 25ean Xala eta Hirigoyen, Murumendiaraz eta Jaio bikoteari nagusitu zitzaizkion. Lekuindarra gazte hotza zen, ez zuen deusezen beldurrik eta gero bihikatu ziren hamarkadetan miretsi genizkion trebeziak oro erakutsi zizkigun lehiaketa hartan. Dohain guztiak hor zeuden, eskuzabalki barreiatuak izateko prest. Xalaren epikotasuna buruz burukoan egiaztatu zen: 2004an eta 2010ean Irujoren kontra galdu baldin bazuen, 2011n Olaizola II garaitu zuen Bilboko Bizkaia pilota lekuan. Partida, antologiakoa zela xuxurlatuko dizu Lekuine, Aiherra edo Isturitzeko edozein jarraitzailek. Baina, jakina, ez dira objektiboak… Eibarrera halaber, autobusez etorriak ziren, ahotsa Xalaren alde erlastuz. Agurrak hargatik, laburrak eta motzak iruditu zitzaizkidan, txapeldunaren itzalaren adinekoak ez behintzat. Sentimendu mikatza bazebilen airean kantxan azken azkeneko pilotakadaren hotsa elkortu zenean. Paola Letalbergen obrari bihurtzen natzaio jada. Igande arratsaldeak libre ditut. Bizitza jolastera hupatuko naiz pala eskuan Rail Bayonnais arrabota arrosaraino. Soa, herriko etxera eta Aturri soraiora luzatuko dut eta Xala pilotari graziosoa pantailan segitzeko plazeraz gogoratuko naiz. Betirako, Xala… GEROKO EUROTIK Saran nintzen, goiz hartan. Zeregin berezirik gabe. Kafea hartu nuen Gorka Aulestia jakintsuaren ezagutza ukigarria egin ondoan. Ostatutik atera ginen eta elizaren zeinu itzulian idatziak bat batean hoztu zituen berotzen zihoazkigun eleak: oren guztiek kolpatzen dute, azkenak jotzen du. Paola Letalbergen Joy Stick nobelaren bukaera aldean kausitzen den latinezko erranaren itzulpena dela badakite gure arteko mintzaira hilen espezialista distiratsuek. Adiskide berria agurtu eta elizaratu nintzen. Aipatzeak balio du, ez baitzait horrelakorik askotan gertatzen. Begiak zerratu nituen eta haur denborako intsentsu usainaren oroitzapen lizunak bete ninduen. Ezkila hauteman nuen laurdenak mailukatzen. Jende parrasta batez inguratua nintzen. Sakristautik gizon mehe zardaia jalgi zen, larderiaz zimurturiko begitarte xifrituarekin. Apez kankailaren ahotsa sudurretik isurtzen zen, sinetsi ezin: haurrideak, jar zaitezte, egoera larrian gaude, labur eta on ariko natzaizue, duela lau ehun urte hitzen sinonimoak zerrendatzeko plazera neukan arren. Orain ez. Erran dut: egoera larrian gaude. Futxo, banekien, prediku aulkian konkor eta temaz ari zitzaiguna Axular zela, touché. Pedro de Azpilkueta ospetsua. Salamancatik, etxerako bidean, deabruarekin tratua eginez, Fausto gureak itzala galdu omen zuen. Ez hargatik kemena, kalipua, indarra, energia. Salmoak kantatzeari ekin ziotenean hausnar tzarrean nenbilen: zer ote zuen gaurko egunean haserretzeko Axular handiak? Hobeko zuen, alaina, hil-hobiaren lasaitasunean geratzea, buru-hausteak eta gaizki ikusia izatearen arriskuak ekidinez. Aries zitekeen. Pataska gogoko zukeen. Kantuak baretu ziren. Kopetak apaldu. Ahoak bete hortz gelditu, elizara hurbilduak oro. Axularrek Jainkoa zuen partida. Ez zuela ulertzen zioen. Berak ez baldin bazuen konprenitzen, Maimonida eta Al-Kutubia teologoekin ikasi zuenaren izpiritua ilun baldin bazegoen, egoerak ez zuen atera biderik. Zinez. Zergatik nekatu? Jainkoa saltsa guztietan sartzen zela ohartzeak sutan jartzen zuen Sarako izarra. Jainkoaren izenean erailtzen ziren saldoak munduan zehar eta Jainkoa ikur, balizko fededunen etengabeko itsuskeriak zilegitzen zituzten edozein erlijioetako aiatolah entzutetsuek. -Asea naiz, gehitu zuen kolera gorrian, kokoteraino nago, gingilak kilikatzen dizkidazue, eta ez dut irri egiteko gutizia izpirik. Axularrek, hitzak, harriak bailiran, aurtikitzen zituen fededun izutuen aurpegietara. Ez ziren horrela usatuak: bekatu txepela egin, barkamendu galdatu, kontriziozko akta marmaratu eta kontuak ahanzten zituzten. Baina aldion ezberdina zen: Sarako ingumak Jainkoa zuen auzitaratzen. Pentsamenduaren haria orratzaren zuloan kabitzea ez zen erraza: zergatik sortu zen jainkoaren kontzeptua? Soilik jendeak malerus, zoritxarreko eta beraien kontzientziekin gaizkile plantan jarduteko? Bortizkeria guztien legitimizatzeko, izan apezpiku (Baionako), jihadista (Molenbeekeko) edo zorri-hiltzaile (Kukutegiko)... Tua zerion ezpain izkinetatik: uste nuen, eransten zuen, jainko garratzaren itxura atzendua zela, fedearen beste dimentsio batean garatzen zirela elizatiarren urratsak, edonork nahi zuena sinetsi zezakeela nahi zuen moldean eta bizitzek libertate apurraren xendrak eskubide zituztela. Ederki engainatzen nintzen. Alderantziz baitzen. Alderantziztegiko alderantziz, nerrake. Axular bermatu zen. Hatsanka zebilen. Erakunde terrorista eraginkorrik atzemango balu, zartagailuak pausatzera abiatzeko gertu zegoela iruditu zitzaidan. Irain eta birao baizik ez zen. Izerdia perlatzen nabaritzen nuen nik ere mateletan behera: -Ez diet barkatuko, ez han, ez hemen. Gaurdanik, haurride durduzatu maiteok, haren zereginaren suntsitzea da jainkoarekin egitekoa dugun hoberena. Dezagun ehortzi ostiralean zortzi. Hik eta nik bestela hondatuko dugu Titanik. Jainkorik ez, nagusirik ez, Aroztegia Eurokeria... Ametsaren zurrunbilotik iratzar arazi ninduen ezezagun batek, ongi nintzenez galdatu zidanean. Axularrek, ohikoak zitzaizkidan lemak errepikatzen zituen eta ezin zitekeen: zure aiduru daude... GLOBOAK LAU EHUN URTE Hara eta hona ibili naiz, Malkorra eta Arkupeko txokolatea murtxikatzen Errepublika plazan, senegaldar adiskideak urrunetik agurtuz, lanera joatean. Hurra kraskari nabaritzen nuen hagin pean eta arratsalde batez, lankide bati, onezia seinale, puskañoa oparitu nion: ahamen lizunean, sarraski bat zela murmuratu zidan belarrira. Eta irri karkailaz zuzendu zen bere zereginera, papoa harroki inarrosiz eta ilea atzera botatuz. Berehala zapaldu nuen desio xirriztaz oroitu nintzen, Errepublika Plaza mirarien lobiroa zela ebatziz, denbora eskasez, hertsi ez nezakeen Paola Letalberg erraldoiaren Joy Stick eleberriaren mendean. Sein oder nicht sein… sterben, schlafen, nichts weiter. Hamleten orraztatzaile ahantzi ezinaren sortzearen lau mendeetako urteburua ospatzen da egun hauetan munduan barna. Gutariko anitzek Stratford Upon Aveneko idazle handiaren lehen aipamena ukan genuen Hertzainak taldearen baina la vida sigue igual zerak esaten zuenez Shakespearek? Ez Julio Iglesias lerdoak lelo gordina muinetan txertatu zitzaigun garaietan. Harri batez bi txori Lapurdi-Benafarroa-Zuberoan ahoskatzen dugun eran. Euskal rock erradikalaren kultura barreiatzaile balioa naski ez da sekula nahikoa aztertu. Geroztik, ingeles jenialaren antzerki parrastak baditut ikusiak, hizkuntza ezberdinetan: ukitua nintzen, erroetaraino uhertua, nigan ezagutzen ez nituen zokoetara parpaila gisa aurtikia, taula gaineko ekintzaileen tua txinparta aurpegian itsatsia, aktoreen izerdi usaina sentitu arau amildua… Paola Letalbergek ez dio besterik liburuko hondar kapituluetan. Hargatik gehien maite dudan obra Julius Cesar deitzen da. Eta bereziki Marco Antonioren monologoa. Zenbat aldiz ez dut irakurri zati distiratsu hori, erromatarren mintzatzeko jaiduraren lekuko zetorkidala. Ez naiz trebea erretorika alorrean baina Shakespearek Plutarkoren lekukotasuna erabiliz teatrorako moldatu zuena zoragarria zait. Brutus eta Cassiusek antolatu erailketatik lekora Marco Antonio zoharra forumera atera zen hilotza omentzeko: hirugarren aktako bigarren partearen hasieran Cesar negartzen du, oldea, konspiratzaileen alde delarik, baina Brutus eta honen lagunak gizon ohoretsuak –Marlon Brando, Mankiewicz-en 1953ko filmean: and Brutus is an honorable man, so are they all..- zirela errepikatuz bukaeran Erromako herritarrak akuilatu zituen irakurtzetik ezin utzia den Galiako Gerra miresgarria izkiriatu zuenaren hiltzaileen gibeletik. Errabiaz. Juan Gartzia itzultzaileak Shakespearen sonetoak erein zituen abandonuaren karduek estali gure elge biluzietan. Aukera dugu olerki horien berriz murmuratzeko eta entzuteko. Betikotasunaren zigilua txertatzen dute egunerokotasun zirrikatu eta desesperatuan. Aitortuko dut, halatan, iragan igande batez, Gabi Mouescaren elkarrizketa interesgarria, draga draga xurgatzean, iparraldean garatu borroka armatuaren ondorioak zinez baikorki ateratzen zituela, zurrun, ziur, mantso, heroi antzera, lan ongi eginaz pozik, Marco Antonioren larruan urtu nintzela, gaizki finituko nuela jakin arren: Mouesca is an honarable man, so they are all… espero dut, behingoz, Kleopatra aiduru dukedala Alexandriako portuan. Williamtxo, nola zaitzakegu eskertu? Galdera bera egiten du Paola Letalberg nobelagileak. Zelan bihurdikatzen da globoa, ardatz magnetikoaren inguruan, Axular jadanik Dantxarieneko denda baten izena delarik? Arrazoirik behar ote da haserre ibiltzeko? Kexua ez dea kontentamendu satisfosa baino pizgarriagoa neuronak bipil atxikitzeko? Zergatik lainoz troxatzen dizkigute argiak eta garbiak mantentzekoak genituzkeen pentsuak (txikiak, hutsalak, soberatan arrotz hizkuntzetan ernaiak…) eta bizitza mututuak? Udaberria hor da. Apirila, hotz eta gorgotz. Potoloegiak dira Letalbergen hausnarrak, eguzkia, bidea, ipularrak, zuriz eta gorriz azpatu xendrak nahiago ditudalako dagoeneko. Gure historiaren pare happy end-ik ez duen Nit I Dia berrikusiko dut osorik Baionako Bestak aitzin. Eta oihua dantzut, gauean zutik: nothing will come of nothing, Aroztegia lapurre, zaindu gure lurre!! ! MY GIRL IN THE STREET Nit I Dia ikusi duenari iruditzen zaio telesailik perfektuena irentsi duela lau hilabetez, berea ez den telebista eta hizkuntza batean. Badaki, bai, amerikarrek bereziki, lan gotorrak ekoizten dituztela eta gosea kentzeko adina itxura zirraragarri lerratuko zaiola pantailetan behera. Umezurtz sentitzen dela aitortzekoa du, nolabait bere buruarekin zintzo jarraitzeko. Halaber gertatu zitzaidan niri Paola Letalbergen Joy Stick nobelaren azken orrialdea itzulikatu nuenean: malkoa punpatzen nabaritu nezakeen begi izkinean… Egundainoko umezurtzak garen jende abandonatuak gara. Hitz zehatzez bizidunaren segurtasun boterea larrutzen duten bost gaitzetan sartzen da utzikeria edo utzitasuna, nahieran. Letalberg andereak jorratzen du alor minbera hori eta nortasunean bermatzeko indarra kausitzeko agian, gomendatzen ahal genioke Bruce Spingsteenen kontzertu batera joatea eta han Born in the USA oihukatuz erraien sakoneraino gozatzea: oh my girl, my girl…in the street, karrikak, Baionakoak edo Sara Grau eta Aitor Otxoak oinezkatzen dituzten Bartzelonakoak izanagatik. Telesailetik, nobelatik, kontzertutik eta pasabide lanjerosetatik onik ateratzen denak ez du emazte istorio xaloak kontatzen akitzen diren bobona barregileen egiaren ezpondetan zalantzaz burtzoratzeko xederik. Bazterrak urratzeko gutizia ernatzen zaigu, jagoitik, seietatik aitzina argiak ortzimuga sutzen duen tenorean. Bazterrak urratzeko (bis) eta forma gramatikalak bihurritzeko desioa, barbarismo hutsak diren bobona bezalako neologismoak asmatuz garatzen dena. Zaharkeriaz, ohiko hausnarketa morbidoz, haurtzen gaituzten xukakeriaz aseak garela ezin ukatu. Iraganarekin gisakoak, behar den bezalakoak, planttakoak agertzen tematzen gara, oraindik, berrogeita hamar urteko zirika eta jazarpen morala jasan duen pertsona amilduaren moduan. Beldurrarekin gabiltza, piztiak berriro iratzarriko bailiran, ahanzten edo bederen ez aipatzen saiatuz. Herrialde zapaldua gara, zinez, baina ez Frantzia eta Espainiaren partetik, komunzki plazaratzen den maneran, baizik eta gure artean oilar dabiltzan eta alde bateko zein besteko zurruntasun hipnotizatzailea hedatzen duten burkide apurren aldetik. Paola Letalbergek egoera xeheki ikertzen du Joy Stick eleberrian. Ikasteko asko daukagu. Azkorri batez bizkarretik minez esnatu nintzen. Lanera behar nuen derrigor. Eguna huts egiten baldin badugu larderiatzen gaituzte nagusiarekiko bekoz bekoetan. Inor ez dago gehiago hausten direnen ordezkatzeko. Entzungailuak sakatu nituen eta belarritik The Boss erraldoiaren musika isuri zitzaidan. Zutik niraukeen. Saretik deskargatu Baltimoreko ekitaldiaren grabaketa pirata zen. Kemena piztu zitzaidan, baina Errepublika Plazan merkatuko txabolak altxatzen ari ziren saltzaile senegaldarrak agurtzera atrebitzean, absentzia baino ez nintzela susmatzen nuen. Kasko zokoan perpaus mainguak dantzari zebilzkidan: zoriona etorkizunerako promesa da, bizitzari ez diot zentsurik aurkituko orainaldi honetan, nire hitzak ez dauka berme arrazoiturik… Anbiguetatez hantu iritziak airean daude. Gasolina banatze zentroak blokatuak dira. Kontsumo gizartearen akabera da. Paola Letalbergen trakako idazleek giro nahasiak gatibatzen dituzte, paperean etzanez menperatzen meta irakurleari bazka oparitzen. Liburuak bukatzen dira, maleruski, eta hostoak plegatzean nostalgia astunak lehertzen gaitu. Sinesgarritasun ideologikoaz axolarik ez duten testuak eskas ditugu, pornografia politiko piramidalaz harago doazenak, gaztiguzko bakartasun merezituak, bizpahiru izenen artean dudari datzala bihotza, ez jakin zein hauta, Dostoievski ala Bruce Springsteen. Martxoaren laurogeita hamalaua da. Gauak Zutik higatzen ditugu, bihiak irintzen eta espelta ogiak adelatzen. Deabruak gure baitan aterpetzen dira, denborarekin bizkarreko minak eraginez. Auhen batean my girl my girl marmaratzen dugu eta laguntza deiak luzatzen: helep I need somebody… Atzo, maiatzak 28, ospatu zuten Hazparnen, Hazketa zabortegiaren behin-behineko zerratzea. DURASEN ESKAMAK Kirolaren aitzakian gerra irudiak hedatzen zaizkigu pantailetan: Europako futbol txapelketa nazionalismoentzat plazarik egokiena dela ematen du eta ondorioz karrikak suhartzen dira, behiala munduko zenbait herrialdeetan gosearen oldartzeek sortu itxurak oroitu araziz. Baina larrialdi egoeraren karietara biderkatu polizia dispositiboaren eta talde etsaiaren sustengatzaileen aurka pataskatzen direnak ez dira, ez, gose, are gutxiago egarri. Alderantziz, bargoen pare, gangarreraino aseriko gizon eta mutikoak ditugu jarraitzen ke arteko ihesetan. Kirola sozietatearen miraila zehatza da eta bertan dagoen biolentziak bizitzaren zirrikitu guztiak tapatzen ditu. Lurra, laster, niri hainbeste gustatzen zaidan Anselm Kieferen margo zabal baten antzera ernatuko da, hauts eta errauts, beltz zoharrera iritsi ezin. Orlandoko Pulse dantza-lekuko sarraskiaren biharamunean, ez dakit zergatik, Marguerite Duras begimendu nuen idazteaz solasean aspaldiko INAko dokumentalean. Ukitu ninduen eta arrats hartan, emaztearen ahots lakarrak, sehaska kanta gisa, loeria malgura eraman ninduen: bakartasunean baizik ez daiteke idatz, bakartasunik latzenean alabaina. Eransten zuen liburu bakoitzak bere baitan huts bat edo inperfekzioa bat zekarrela eta horrek zuela funtsean liburuaren balioa egiten. Bukatzen zuen erranez gaurko hamarkadetan –laurogeita hamarrekotik ari zen- sobera liburu leun plazaratzen zela botere erreal, faktiko eta sinbolikoei, atsegingarri suertatzea amets. Durasen obrak, Bachmann eta Celanen poesien moduan, Anselm Kieferen taula apokaliptikoetan kabitzen ahal litezke: hitzaren indar ahula eta vice-versa. Rainbow Flag ederraren pleguetan selfia bat egin nuen Baionako udaletxearen maldan Orlandoko masakrea salatzeko manifestaldia bukatzean. Jende multzo bat ginen homofobia urrina zerion krimena gaitzesteko. Isiltasun minutu bat egin genuen eta isiltasun horretan hazi zitzaidan Durasen Détruire dit-elle eleberriaren berriz irakurtzeko gutizia, egoera bezain larria, bistan dena. Aldi hartan loak ez ninduen gatibatu eta eguna altxatzen miretsi nuen geltokiaren gaineko sasietan. Egia, bazterrak, jendeen buruak eta bihotzak, El Khomri legearekin egunen eta bizitzen antolaketak erabat suntsitzeko desio totalitario bat nabaritzen dela eta zorigaitzez hau ez da fikzioa. ARTE katean ikusi nuen ongi sorturiko emazte gazte bat –Emmanuelle Duez…- hatsa hartzeko betarik gabe, prediku neoliberal pozoitsua destilatzen: ohituretan, erritmo hipnotikoetan erroturiko langile dorpeok apatia likitsetik ateratzeko premia aldarrikatzen zuen, SMIC-ean ordainduriko pribilegiatuak ginen, gehiegi alabaina, txinatarrekin erkatuz, ez ginen ohartzen aski ohoratzen ez zen nagusigoaren heroismoaz, eta finean, behin-behineko lan kontratuen desagertzea aukera ona zela azpimarratzen zuen. Une horietan literatura ezinbestekoa bihurtzen da, Duras eta Dostoievski bezain Anselm Kieferen iluntasun organikoa suak erre oihalaren espazioan… Gure artean badago naski biolentzia handiko berantetsi sozial lehergarri bat. Eta biolentzia ez dator CGTko terroristen partetik, MEDEFko psikopatek sinetsi arazi nahiko luketen bezala. Laster, CGT-a, ISIS-en abarra baino ez dela aldarrikatuko digute, larrialdietan burtzoroa eraginez eta manifestaldiak debekatuz, eta orduan abiatuko da aberatsenek aspalditik desio duten mende berria: herritarrak ezpainak josirik, siderazio salbaiak hormaturik eta eroturik geldotuko dira estresa post-traumatiko egoera lanjerosean… ez dena (oraindik) Mutrikuko I Tre Velieri partzuergoko emazte langile taldearen kasua, nagusi baliatzaile eta tiranikoen atzamarretatik jalgitzea lortu zutelako enpresaritzaren destinoaren on-gaitzak dastatzen hasteko. Duras ere ikusiko nuke Barbara Goenagaren zuzendaritza pean, Elena Irureta, Itziar Atienza, Karmele Larrinaga, Maria Urzelai, Ainara Ortega eta Amaia Irazabalen konpainia gordin-berde gozagarrian Eskamak Kentzen… ETB-ko telesailaren bigarren sasoiak (ailitza!) Anselm Kieferen taula batean hauts zital aurkituko gaitu: être un écrivain c’est ne pas le savoir… EXPRESSIS VERBIS Orain, ziur aski, jende gehienak oporretatik itzuliak dira, larrazkeneko depresioaren sareetan gatibu eta engoitik ezinduak, hurrengo pausaldiaren aiduru. Ni ere ibili naiz Baztanez Baztan, Orabidean barna, haize hego goiztiarrak inguruko gailurrak balakatzen zituela: ez al da egia, bakantza asteetan, herri hau zeharkatzean poeta alfer eta nagia bilakatzeko arriskua dagoela? Eta hori, noski, ez da hain ona famarentzat, nahiz eta izakia ez den bakarrik lanerako egina. Denbora irakurtzen pasatu lezake, edozer, Kanten kantikak, Nietzschen nixtak eta Kafkaren hazkak. Halaber, sei ehun orrialdeko liburu baten luzeran sinesten ahal luke bizitza eraldatzeko gai dela, Peter Sloterdijken obra mardularen gomendioei jarraituz. Kanbiatzekotan, behar da, nolabait, norberaren baitan deika ari den kaosa, huts materiala eta askatzailea den amildegi minerala onartu. Ez gara horretan… Mihi garratzak hiztegia neurrian erabiltzera derrigortzen ditugu, zer gerta ere, Loiolako saindu atrebituak eta ñabardurak ñabardura, Sukarrietako Sabinok menderen mendeetarako formateaturiko herri honetan: loriatzen gara eleak aukeratzen, perpausak aitzinetik osatzen eta behar denean isiltasun une misteriotsuak zedarritzen. Urrundik gatoz, uda guztiez, bizirik irauteaz harrituak. Halatan, bakartasun teknikak lantzen dira, izan berezia, bakuna, sekula santa, Francis Underwood handiosaren ebazpen zinikoaren ez entzuteko: artalde hautatu du opzioan… ama-ontziaren urmaelak inarrosten dituen artaldea zorrak maneiatzen du, dagoeneko ez baita beste harreman modurik jendeen artean: zordunak gara betikoan, hartzaileak sasietan gordeak daudelarik. Rainer Maria Rilke zoratu zuen Apolo jainkoaren paparrak Louvresko erakustokian miretsi ahal izan zuenean. Berehala, influentzia pean izkiriatu zuen olerki ospetsuak, geroztik, garunak zirikatzen dizkigu: du musst dein Leben andern, bizitza aldatu behar duzu, alegia. Sortaldeko oldeak ibilera bortxatuan etorkizunera akuilatzen dituen lemaren asmatzailetzat jo dezakegu. Rilkek aipatzen duen (ziklopearen) begiak izkina orotarik ikusten gaitu eta saparretan ezkutatu arren hegi bakoitzetik ikusgarri gaude: ez dugu ihesik. Behar bada Elokadiko artzain etxola hotzean aurkitu dezakegu aterpe, datorren abenduaren lauan. Maria eta Kattalin, hauxe da mezu kriptatua, zuentzat: mantak ez ahantzi. Poemako Apolok bururik ez du, sexurik ez du, besorik ez du, zangorik ez du, enborra baizik ez da. Baina distiratzen du gauean, larrazkeneko ilargi beteak izotzaren hedaduran bezala. Apolo askorik ez dago gure artean. Batzuek uste duten arren, perfekzioa ez da omen da mundu honetakoa. Lanaren bidez, mintzairaren auto-kontrolaz, eskola dela medio, meditazio saioak ardatz, egitura sozio-ekonomiko osoak hobetzera deitzen eta gehienetan behartzen gaitu: manuak eta ordenak agertzen dira egunkarietan, pantailetan, mezetako brebiarioetan. Bizkitartean, beraien irudira moldatu nahi gaituzten aberats banda okituek afera likitsak kudeatzen dituzte kartel klandestinoetan, behialako Medellinekoa txiki eta garbi uzteraino. Dirua eta boterea dira, dagoeneko, herritar desjabetuaren amets finkoaren zutabeak. Prest gaude, halatan, gobernu eta parlamentuetara, sorik gabeko munstroak bidaltzeko… Baina utzi ditzagun etorriko diren balizko katastrofeen aipamenak gerorako. Ukanen dugu orduan ere zer erran. Peter Sloterdijk pentsalari alemanak alor minatuak ditu jorratzen eta irakurleari liburua aurpegira zartatzen zaio, garairik loriosenetan bezala. Modan da idazlea Europan, Ipar Ameriketan, malenkoniaz apaindu bere ikusmoldeak interesgarriak dira, elitearen talaiatik kontsideraturik bederen. Ez da zinikoa, ez da inozentea, ez ni bezain beste bederen. Testua ederra da eta muinetan galdera harrigarriak ernatzen nabaritzea gozamen hutsa, erantzunak askotan eskas eta eskasak izanagatik. Ezinezko erronkak gainditzen saiatzen gara, txikitatik gure buruak apaldu ditugu, bizitza osoa marmolezko tentsioak malgortzen digula. Aldaketa ordena absolutuari behingoz muzin egiten bagenio: deboila larrien arduradunak ez dira sekula… barkatu marmaratzera plegatzen. DYLAN IS DYLAN Bob Dylanek ez zuen sekulan nahi izan askok irudikatzen zuten profetaren tokian kokatu. Logikaz espero zen gunean igurikatzen genuen –ni ere artaldean sartzen naiz behigoz…- eta hiru ehun eta hirurogei graduko bihurra hartzen zuen, berak ere pentsatzen ez zukeen eremuetan alderrai ibiltzen hasteko. Robert Zimmerman handiak, Fargo ondoko Duluth Minnesotako ume mokoak, Elvis Presleyren musikak zoratu zuenak ez die oraindik ere Suediako Nobel sariko epai-kideei erantzun eta naski ez du komentario izpirik atera mass-medietan. Jende parrasta bat kezkatzen hasia da, egiazko idazleez gain, saria egokia ez den artista bati joan delako aurten. Alabaina pronostikoen arabera Adonis siriar poeta, Philip Roth amerikarra ala Ngugi Wa Thiong’o keniarra igurikatzen ziren. Geroztik aurka diren idazleen fronteak erasoa darama egunkarietan berrogeita seigarren orrialdeetan, kirolaren, iragarki sailkatuen eta horoskopoaren artean. Frantsesak lehen lerroan dira Pierre Assoulinen gibelean: saria bardo soil bati eman omen da eta kolpe larria da literaturarentzat. Gainera ez da segur Estokolmora hegaldatuko dela, beraz… With god on its side… Askorentzat alabaina kantaren alorra ez da literatura eta beraz ez du bere eremuaz kanpoko saririk merezi. Hondar hiruzpalau mendeetan idatziaren munduak, liburuak eta beranduago nobelak bereziki iristekoa zen maila finkatu zuen gorenean. Idatziaren indar betearen izenean baztertu ziren ahozkotasunaren altxorrak, eresiak, auhenak, baladak, bertsoak, Mainzeko Gutenbergen berunezko inprentetatik ateratako paperak egundainokoan hobesteko. Ustea barreiatu da irakurria ez denak pasibo, berdintsu eta kolektibo batean urtua egiten gaitu jakintza mota bat ahotsaz heldu arazten digun rapsodaren aitzinean adibidez. Liburu baten irekitzeak aldiz aktibo eta bakarti, kasik jainko txiki beraz hitzaren parean. Taula gainean, kanta bat, edozein, Bob Dylanen Masters of the War edo Maddi Oihenarten Egün bereko alargüna izanagatik, saldoan hartzen dugu, ukiduraren mugetan, askotan ez dugula arrazoinamendua erabiltzen kontzertu batean gaudenean. Iragan maiatzean bezala, Anoetan, milaka kidek Bruce Springsteen bozaz lauhazkatzen genuela, ilunean, begiak hertsirik. The answer is blowin’in the wind… Sariek ez dute sekula adostasunik lortzen. Ez hemen, ez han. Alderantziz. Kritikak eta galderak ernatu arazten dituzte eta funtsean, ororen buru, ez da ondorio makala. Zer da literatura? Nor da idazlea? Batzuek diote liburuak plazaratu dituena dela idazlea, apurrek ihardesten dietela liburuak ez direla irizpide bakarrak eta abestiak ere melodiak eransten ez zaizkien bitartean poesiak direla, Matrix edo House Of Cards telesailaren oinarrian, paperean etzan aditz distiratsuak daudela. Idazlea baino zikoitzagorik ez dago lurraren azalean –lasai, nire zehazteko ere ez dut beste kualifikatiborik. Bestalde Roland Barthesek zioenez, literatura irakasten dena baizik ez da. Gainerakoan, formak zein edukiak anitzak dira eta guztiak zilegi, idazkuntza komunikatzea eta jendarte bat islatzea, zergatik ez jorratzea xede denean. Knock, knock, knockin’ on the heaven’s door… Nobeleko aurtengo epai mahaikideek halatan liburua eta irakurketa bereizi dituzte eta zenbaitentzat une horretan hasten da mendebaleko europar kulturaren gain-behera. Ikuspegi katastrofistak ugariak dira azken aldiotan. Ez dakigu gehiago neurria zaintzen. Alta Desolation Row izkiriatu, sudur ahotsez eta bi gitarrez zurkaizturik kantatu zuen artistari aspaldian zor zitzaion horrelako ohorea: gauaren minean, desesperantzaren mugetan, EH barnealdea zeharkatzeko orduan entzuteko kantarik egokiena da, ederrena ez baldin bada. Nork ez du begietsi No Direction Home dokumentala, 2005ean Martin Scorsese ospetsuak zuri-beltzean bildua? Hiru oreneko bidaia harilkatzen digu Bob Dylanen itzalean. Zintzotasunaren holtzean dilinda. On Desolation Row… Leku egokia Nobel Saria emateko aurten. AMETS GAIZTO ATOMIKOAK Literaturako muturreko esperientzia da zartatze atomikoa irudikatzea eta horren ondorengo galaxiaren asmatzea. 1945-ko abuztuaren 15ean Hiroshima eta Nagasaki mendeetarako kolpatu zuen Enola Gay amerikarren H bonbaren inguruan lan asko garatu ziren eta pentsamendu berri bat ernatu zen, katastrofista bezain apokaliptikoa neurri handi batean. Mad Max saileko filmetako pertsonaia biolento eta paisaia suntsituak ikustean nonbait eta nolabait istorioaren oinarrian behialako zartatze atomikoa dagoela susmatzera behartuak gara. Energia iturriak agortuak dira, sozietatea ezabatua da erabat, baina Notbushen sortu Tina Turner uhergarriak oraindik ere we don’t need no more heroe oihukatu dezake. Dena ez dela galdua seinale… La Décroissance hilabetekaria erosten dut Baionako Alsace Lorraine karrikako Balto taberna-denda lagunkinean. Aldizkaria ireki aitzin azken orrialdeko artikulura lehiatzen naiz: Negawatt elkarteko kide batek gaurko nuklear industriaren egoeraz zutabe jarraitua orrazten du eta nik, gazura bailitzan, irentsi dezaket EDF, AREVA, EPR eta atomoaren destinoak marraztu gertakari sinets ezinen kronika argitsua. Aktiboa baino, irrati-aktiboa sentitzen naiz erraien sakonetik, ikara, daldara eta txika txika zurrun. Kraftwerk krautrock taldearen musika zati elektrikoa bilakatua banintza bezala. J’adore! Japoniarekin batera, Frantzian da zentrala nuklear kopuru gehiena kausitzen eta hauen erabilpen epea, berrikitan, oraino 20 urtez luzatu zuen Ségolène Royal ekologiako ministroak, jakin arren anitz eta asko azken hatsetan direla jadanik. Bospasei geldituak dira, azaro teknikoak direla kausa. Frantziako arduradunak energia nuklearrari biziatuak dira, ezin higuinduak, drogatuak, obsesionatuak. Diru publikoa zurrupatzen duen putzua da, hondorik gabekoa. Radioactif izeneko eleberrian, Vincent Crouzet idazleak AREVA enpresaren inguruko finantza alorreko manipulazio erraldoiaren mekanismoak atalez atal ikertzen ditu fikzioaren sarea baliatuz. Kongo ekialdean eta Namibian erosi zuen uranio ustia leku pare bat bere funtsezko balioaren haragoko dirualde munstro baten trukean. Bi miliar dolar pasako sos publikoa nora joan den ari dira Parisko epaitegiak aztertzen, 2007 eta 2012an gobernuan ziren txorimaloak deklaratzera deituz, ohiko mahai peko eta atzera-komisioak galdezka gai alabaina, hala nola Patrick Balkany Levalloisko auzapeza, Sarkozyren eskuin apuña. Anne Lauvergeon, alias Atomic Anne, AREVAren zuzendari ohiak ere arazoak ditu justiziarekin. AREVAren bankarrota iragarria da eta menturaz herritarrek zergetatik ordaindu beharko dute bakar batzuen handi nahikeriaren hutsala! Vincent Crouzeten Radioactif nobelan eskandala horren itzal guneak plazaratzen dira, zehazki, lekuak eta pertsonaien izenak aldatuak direlarik. Nortasunak ez ordea. Errealitatearen eta fikzioaren artean ibili da egilea eta irakurlea, dakienetik, deituren gibelean benetako izanak jartzera jolasten ahal da abantzu lau ehun orrialdeetan zehar. 2014-an atera zen, jadanik AREVA aferaren nondik norako gehienak ezagutuak zirela. Baina kontuz dabiltza guztiak, jukutriaren eta iruzurraren birusak kontaminatutako enpresarekin, nagusiek auzitegietara edonor igortzeko ahur prestua dutelako. Nuklear sakro-sainduaren aurkako iritziak azaltzen dituzten aldizkariei adibidez, publizitate bidezko laguntzak ere ukatzen dizkiete. Atomoaren garaia pentsamenduaren iraunkortasunaren zero gradua bihurtua da mende erdi honetan. 1956an Günter Anders filosofo alemanak, Hannah Arendten senar izanak, izkiriatu zuen bi tomotan banaturiko Gizakiaren Zaharkitasuna (Die Antiquiertheit Des Menschen) hausnarketa sarkorrean zartatze nuklearraren (gerrarako, entseguetarako ala nuklear zibilerako engoitik) ondorio etikoak bihikatzen dizkigu: antsiaren indar hedatua, prekarietatearen hegala, nihilismoaren normaltasun izugarria, sekretukeria maltzurra, atomoaren mutil izatera apaldu mundu mailako jendartearen kritika larrutua eskaintzen zigula. You want it darker abesten zuen Leonard Cohen (jada) zenak. LAU HATZETAKO BI LAN Urtea bukatzear da. Hemendik gutxira egunkarietako zutabeak eta pantailak aurtengo irudi erranguratsuz (hauxe hitza, Lapurdi-Bizkaia balizko sinkretismo tinkoaren lekuko!) mukurutuko dira norberaren baitan oroimenak, argazkiak bailiran, sailkatzeko jaidura piztuz. Etorkizunak malgortzen gaituen neurrian zaintzen ditugu orain hurbila eta iragan (l)urruna. Nehoiz ez dut bilanik egiten, iraganik, orainaldirik eta gerorik gabekoa naizela nabaritzen dudalako txiki-txikitatik. Abendu hastapen honetan hargatik lau hatzetako errepaso bat eginen diot bururatzen doan 2016 honi. Inperfektua eta subjektiboa arras. Liburu bat aipatuko nuke lehenik Paola Letalbergen Joy Stick mardulak gatibatu ninduen arren seipazazpi hilabetez. Juan Gorostidiren Zazpigarren Heriotza saiakera irakurri nuen kapituluz kapitulu, batzuek azpimarratu zizkioten huts gramatikalez axolatu gabe, idazlearen gaztaroko agerpenek nire hamazazpi udaberrietara eraman nindutela, nik ere oharkabean, euskaldunon borroka armatuaren mende erdiko afera likits horretan nuen erruaz arranguratzeraino. Galderak nituen. Ihes egiteaz salbu erantzunik ez. The act of Killing begimendu nuen eta itzuli nintzen behin ukitu ninduen Rithy Panh Kanbodiako zinegilearen L’Image manquante dokumentalera. Egia hor zegoen nonbait, aurkitu ezin bezala, egundainokoan egia hori jasanen dugun ala ez hausnartzean datzala gogorrena, egia horrek guhaur gaituelako zalantzaz lehertuko. Bigarren aldi batean pilota partidarik perfektuena ikusi nuela aitortuko nuke. Eskoletan eredu gisa erakustekoa. Eta ez bakarrik pilota eskoletan noski. Faboritoetan jarri dut, martxoaren 12an Bilboko Bizkaia pilota lekutik, Errazti eta Lizartzak ahotsak haustear komentaturik ETB Kantxak eskaini zigun Urrutikoetxea-Olaizola II (22) eta Rezusta-Irujo (12) pareen arteko lehia distiratsua. Tanto bakoitzean zintzurra larrutzen zihoakien: baina zer da hori? Zoragarria zen, literarioa, epikoa, eta noiztenka ETBko Nahieran saileko pilota orrialdera lerratzen naiz, batzuk euskaratik frantsesera bezain aise, plazer atabikoa errepikatzeko. Dagoeneko Irujo handia, arrano kolpatua, kantxa bazterrean dago eta belaunaldi berria ari da gibeletik bultzadaz. Hirugarren hatza uzteko orduan barnez inarrosi nauen telesaila bat bipilduko nuke. Amerikar, ingeles, suediar eta islandiar krimitxuraz hazi eta hezi euskal idazlea naiz, besterik gabe, eta ez da nire aurarentzat biziki ona. Dante-ren Komedia ere, hiru sasoi dituela, zatikako idazki-sail distopikoa dela deritzot. Black Mirror eta Homeland haren bosgarren sasoiaren artean txapeldun egin dut 2016an TV3 kateak ekoiztu eta hedatu Nit I Dia erraldoia, hamahiru atal, bata zein bestea baino sinetsi ezinagoak, eta Sara Grau ikerlari anbiguoa, argia eta iluna bere baitan pataskari zebilzkiona. Mehatxuz kartzelaturiko eta Ada Colau buru duen Bartzelona tentsioduna gustatu zitzaidan eta Aitor Otxoa pertsonaiak irun euskaldunekiko haria. Katalanera ikasteko baliabide hoberik ba ote da? Ez dakit jarraituko duenez. Ageriko. Anartean La Riera kulebroiarekin asetzen nabil. Ez erran inori. Eta azken urratsa eramanen dut musikarekin. Maiatzaren 17an milaka kidek Bruce Springsteen miretsi genuen Anoetan baina nik bereziki gogoan dut Maite Arroitajauregi alias Mursegok Baionako Atalante zinema gelan eskaini zuen berrogeita bost minutako show ahantz ezina, kanta oroigarriak jende gehiengoarentzat frantsesez ere aurkezten saiatuz. Gauza arraroa, seinalatua eta menturaz nolabait eskerrak merezi dituena. Duela zenbait uda Eako poesia egunetan aditu nuenetik fan naukan artistaren Eusnob abestiak, Hiri armera batentzako kunbriak eta beste hainbat zatien musika alorreko imajinazioaren askatasunak zoratzen nau taigabe (ohore zuri Super Txope!). Mursego, Andere-orkeztra deitzen ahal genuke duda izpirik gabe. Horrela maite nuen Euskal Herria librea, bizitorea, (ele) aniztuna, ironikoa, zirikaria, bihotz bera eta baketsua. Aste eta erdi dago urtea borobiltzera. Baise-moi zioen Virginie Despentesek. LEKAROZ NEGU AROZ Ibiltzen hasten garenean paisaia baten barnetik, ematen du bideak, aireak, usainak, hotzak, denak gorputzaren zirrikituetan kokatzen direla behin betiko. Memoria deitzen diote horri zenbaitek eta halaxe izango da menturaz. Ene ustez memoria baino zerbait gehiago dela iruditzen zait, izen egokia zein liteken asma ez dezakedan arren. Sinesten dugu beti hitzaren medioz zurkaizten dela oroitza, hitza dela denetan baliabiderik hobetsiena, hitza eman eta hitza harturen artean jolasten gabiltzala etengabe. Ez da arras hala, molekulak, zilbor hestearen materia idorrak, tuaren gaziak, malkoen zitalak bezalako zerak dantzan jartzen direlako leku bat, gertakari bat, deboila kolektibo bat garunetan iltzatzeko orduan. Xendra txarrean lerratzen naizela iritziko du irakurleak, galtzen garenean gutariko puska bat berriz aurkitzen dugula jakinagatik. Ez dezagula gaur aipatuko dudana nostalgiarekin nahastu… ez baitu loturarik bat. Atzera itzultzeko gutiziarik ez dago memoria enpatikoan, funtsean nehor ez baita, izan zen, maitatu eta gorrotatu zuen ordoki biluzira bihurtzen ahal, are gutxiago urak, lurrak, makadam ketsuak, uholdeek edo hormigoi itsuak estali eremuetara. Aitzinako itxura bihotzean datza, kutun eta txukun, begiak zerratzea aski delarik burumuineko pantailan koloreak, sentsazioa, sentimenduak, nortasunak berriz haztatzeko. Gustatzen zait bereziki Euskal Herrian zehar paseatzea, oinez anitzetan, zakua bizkarrean, gaur harilkatzen ditudan itxura horien bila. Zuberoa, Bizkaia, Amikuze eta Erribera liluraren berdinaren zurrunbiloan atxikitzen ditut, altxor. Liburu asko bada naturaren suntsiketa aztertzen duena. Rachel Carson (1907-1964) handiak, 1962an amerikarren DDT gai kimikoak –Koldo Izagirren azken laneko ipuin batean ere ageri dena…- eragin minak salatzen zituen Udaberri Isila (Silent Spring) bukatu dut. Borroka luzea eraman zuen eta botere publikoek laborantza alorrean zikinkeria hori debekatu zutenerako Rachel Carson zendua zen. Gure etxe zuloetan uluak kalitzeko erabiltzen zen produktu horretaz nor ez da gogoratzen? Jende arruntez osatu olde mutu kutsatuak nituen kasko zokoan, iragan igandean, Lekarozko karrikatik belaian ikusten zen galtzada bati jarraituz Aroztegiara iritsi ginenean, Baztango (H)Ilbetza nobela beltzaren ohorezko ekitaldiaren karietara. Ondoko urteetan menturaz erabat aldatuko da inguru hori, urbanizatuko da salbaiki, etxe modernoak eraikiko dira, bederatzi zulorekiko golf bat zabalduko da, baina gure buruetan oinez eta hotzaren mende egin genuen ibilaldiko irudiak baizik ez dira bizi aztarna bilakatuko. Elizondoko saihets bidetik lerratzean intimoki jakingo dugu hor beste errealitate bat izan zela, gizaldi ahantzietara ihesean joan beharrik gabe. Antzerkiak, antzerkilari pare bikainak eta ahots gorako kontakizunek dute errua, bai eta oinez lehiatzean, gorputzean mugitzen diren ezinbesteko ehun mila piezek. Pausuek presentzia fisikoa ziurtatzen ziguten, lokatzak zapatetan, haurren irriek, gatu beltzaren punpek. Orainaldiaren sekretuetan itotzen gindoazen astiro, izotza urtzen zihoala, Autza gailurra, Hokusai japoniarraren estanpetan bezala, elurrez zuri zela eta laino zoharrez troxatua. Aroztegiako afera segitzeko aukera izan dugu eta badakigu ezer ez dela erraza izan Baztango herritarrentzat: lapurreta sinboliko eta erreal bat gertatu zen, gertatu da, gertatuko da. Demokrazia ukamen argi bat. Hargatik arteak balio du, hain zuzen, gertatuarekiko harreman pazifikatuagoa edukitzeko asmoaren egiaztatzeko. Bestela bizitza bera liteke ezinezkoa. Onartzeak alabaina ez du amore ematea erran nahi, eta antzerki ibiltariari esker Aroztegia nolakoa zen ez zaigu burutik aterako. Nahieran ikusi dezaket alabarekin Nafarroan behera abiatzen ginela dagoeneko pantanoaren uraren azpian dagoen Itoiz herriko elizaren maldan hartu genuen argazkia: ukitzen nau, hiru hamarkada beranduago. Bertan lurralde bat ito zen, hizkuntza bat, errepide bat eta agian ilargi beteko gauetan Itoizko zeinuak jotzen entzuten dira oraindik. Aroztegian behar bada etzidamu sorginak hautemanen diren moduan. FIODOR 8 Ez dakit zer hauta. Hori da bizitzarekiko dudan ezintasunaren seinalea. Hondarrean Fiodor Dostoievski eta Wachowski anai-arrebak maitasun-zaku berean sartzen ditut, bihotza plastikozko poltsa arrunta baldin bada bederen. Alabaina, aurten, Sense 8 telesailarekin zorabiatu naiz, zeinetan (erlatiboen erlatibotasuna) generoa, nortasun sexualaren anitza, mundu mailako esku-zuri saldoen politika, erlijioaren arazoa irudi distiratsuetan aipatzen diren Bonbai, Seul, Nairobi, Berlin, Chicago, Mexiko, San Francisco eta Reykjavik hirietan barna. Pertsonaiak gogoan geratu zaizkit, itsatsiak: Nomi (Not me), Capheus (Morpheus ohiaren oiharra? ), Will, Kala, Wolgang (Amadeus noski), Riley Gunnarsdottir (ametsetako DJa) Sun Bak, Lito (gaytasuna nola plazara ez dakiena) sentsitiboak dira, bata bestearen baitan sartzen ahal direlako lurreko zazpi muturretan elkarrengandik urrun izan arren. Globalizazio larrutzailearen aurrean, agian, jende sentsibleen arteko elkartasun mutuak salbatuko gaituela izan liteke telesaila dinamiko eta zinez positiboki ireki horren morala! Hamahirugarren atala bukatu nuenean, otsaila hasmenta honetan, Baionako Antzokian Karamazov antzerkiaz gozatzeko zorte handia ukan dut –sarrera ordainduz, lasai. Jean Bellorinik (1981) kudeatu Saint Denisko Gerard-Philippe Zentro Dramatikoko taldearen hatsaren luzeak harritu ninduela aitor dut. Ikusgarria muntatu zuten iragan udako Avignoneko festibalerako eta ARTE katean osorik irensteko aukera ukan nuen. Karamazov Anaiak nobela handiosean, Sense 8 ukigarrian bezala, intriga poliziala bada, amodioa, jainkoari eta errusiar izateari buruzko agerpen metafisikoak, gizon sainduen urrin zizkolatsuak, zazpi ehun orrialde liburuan, lau oren eta erdi taula gainean. Bellorinik, moldaketa egiterakoan, André Markowiczen itzulpen berria aitzakotzat hartu zuen. Markowicz ari da azken urte hamarkada hauetan literatura errusiarra frantsesera berriz egokitzen, eta bereziki Fiodor Dostoievskiren eleberri zirraragarriak. Ikusgarri terrible eta bozkariotsu baten garapena miretsi genuen, isilik eta hausnar pozgarrian urtuak. Hiru anaiak hor ziren: Alioxa apezgaia, Ivan ideologoa eta Dimitri dirua behar zuen bestagile sentimentala. Hor ziren halaber Fiodor aita zakarra, Grouchenka aitaren eta Dimitriren ohaidea, Ivan eta Dimitriren artean nor hauta ez zekien Katarina Ivanovna, Smerdiakov, Fiodoren seme bastarta, epileptikoa, menturaz hiltzaile materiala, Ilioucha ikaslea, Kolia sozialista gaztea… den-denak genituen begien jomugan, kementsu, oihuz, xuxurlaz, antzerkilarien molekuletan gorpuztuak. Argi jokoei esker tuaren zoharra eta kopetan behera isurtzen zitzaien izerdia agerian zegokigun: erraldoi… bistaz ezagutzen nuen –Santizpiritun bizi delako- errusiar irakasle baten ahotik baimendu nezakeen testua egiazki hurbiletik errespetatu zutela egileek. Lana eta Lili Wachowki eta Fiodor Dostoievski, garaiak salbu, antzekoak dira (barkatu konparaketak irakurle batzuk txokatzen baldin baditu, eta jakin ezazue ulertzen dudala). Biek jende izaeraren gunerik ilunenak arakatzen dituzte, bere baitan ernatzen zaion biolentzia uhin endemikoak, desesperatzeko arrazoiak. Baina ororen buruan etsipenik beltzenaren magmaren azpitik esperantza muskilak salbatzen saiatzen dira. Infernuaren muinetik ernatzen da bi obretan, sinesteko arrazoia, Bruce Springsteenek 1982an, Nebraska albumean, hain maisuki abestu zuen Reason to believe hura bera. Noski, ez da barda arratseko istorioa eta galderak erantzunik gabe geratzen dira: nor da hiltzailea? Nor da erruduna? Hiltzea pentsatu duena? Kolpea ekarri duena? Ala hilketa eragotzi ez duena? Taula gainean izan ezik, eskakizun horiek gure garunak ere inarrosten dituzte etengabe. Dostoievskiren nobelak putzu sakonak dira, buruz behera erortzen goaz eta zolaren zolan gaudenean ez dugu aire sanora ilkitzeko gutizia izpirik. Ongi gara Matrix deituko genukeen literaturak eragin eromenaren mugetan. Baina errealitatera bueltatu behar da. Gerardo Markuletaren Denbora bere lekura bilduma eskuan apnean gatoz ur gainera: literaturak, batzuetan, hanka usain du(biok). SAGANEN SAGA Santizpiritu aldetik zubiaren maldan meditatzen pasatu dut herenegun, arratsaldearen parte handia. Zakurrekiko eskaleak nituen auzo, garagardo botilak tutunetik husten zituzten gazte taldeak, bi multzoak goraki eleka ari ziren baina ez zuten nire hausnarraren haria haustea lortu. Ez nuen oroitzeko gogorik eta ez nenbilen etorkizunean, antsiaz eta dudaz kateztaturik. Galdera pare bat neukan ezpain hegietan: gure lurrak justiziaren ekonomia egiten ahalko ote du? Esku ukaldi soilaz ezabatzen ahalko dira borroka izenaz bataiaturiko urterik beltzenen aztarnak? Jasan eta eragin zauriak? Ez al da mozorroak bertan behera uzteko garaia? Erantzunik ez neukan. Begiak ireki nituen. Aldamenean neukan liburuaz ohartu nintzen, bata besteari segika zebiltzan zakurren zaunka erlastuak hauteman bitartean. Nire zalantza-minean agian, hilabeteak hilabetetegi, irakurtzen ari nintzen Françoise Sagan handiaren hitzek salbatuko ninduten gaizto, etsi eta motel bilakatzetik. Bizi-poza alabaina atxikitzekoa da, eguneroko urratsen alorrean zer nahi gerta ere. La femme fardée bukatu berri eta La Laisse hastear nengoen, galderek eta zakur kokinaren ahokadek trabatzen ninduten arren. Badakit, irakurleen artean, aberezaleak badirela eta aitor dut, halaz ez nuela ttette malina ostikadaz urruntzeko saiorik egin. Bulta honetan arrats apaletako une hotzak pasatzen ditut Françoise Saganen konpainian. 1935 urtean sortu zen Carjac herrian eta 2004an utzi gintuen Honfleureko bere itsas bazterreko egoitzan. 1954an plazaratu zuen bere arrakasta egingo zuen eta Gerardo Markuletak Tristezia, zer berri (2014) tituluarekin euskarara ekarri Bonjour Tristesse ahantzezina. Literaturaren eremu ezberdinak jorratu zituen, nobelak, antzerkiak, artikuluak, zinegintza ere bai. Literaturatik jan eta edan zuen, zendu zenean hargatik semeari zor meta erraldoiak herentzian emanez, idazki publikatu bakar bat gabe ordea. Pariseko zirkulu kultuetan le charmant petit monstre erraten zioten eta haren energia bizitorea nahikoa estimatua zen. Idaztea pasio bezain urgentzia absolutuzko premia zeukan. Gauzarik harrigarriena da nola liburuek eta idazle batzuek irakurlea ondu dadin itxoiten duten, hazi dadin, hozitu dadin bere orrialdeetako hitzak eta ideia mikatzak irentsi ditzan pasiboki eta isilik, erraiak eraldatzen nabarituz. Izkiriatzaileak, edo hauen ingumak aspaldian zenduak baldin badira, sasien gibelean zelatari daude, aiduru. Eta aski da lehen lerroa irenstea harrapatua izateko, lepotik, ahotik, garunetik eta luzerako. Hala gertatzen zait niri, erbi urguilutsu edo xoxo beltz moko hori inozentearen pare, burdinazko xederak ebakitzen dizkidala oinak eta hegalak. Halatan eta ondorioz urteak iragaten ditut egile baten lagungoan, haren obra azken aditzeraino ustiatuz. Françoise Saganen aldia izan da aldion. Bouquins saileko liburu mardula erosten dut, bigarren eskukoa, hamasei nobela biltzen dituena. Ez dut aspertzeko betarik. Bonjour Tristesse ospetsua berriz eta astiro irakurtzearekin hasi eta Saganen saga literarioan barnako bidaia ukigarria egin dut gauak joan, gauak etorri. Eleberriak pasatzen zitzaizkidan begi petik. Marcel Prousten pertsonaietako baten izena aukeratu zuen Françoise Quoirez gazteak, idazle nortasuna finkatzeko baina ez bakarrik hori. Prousten joera literarioa ere aurrerago eraman zuen, jendartea zirrikatuz, mundu burgesaren itzalak eta tatxak molde ironiko batean papereratuz adibidez. Saganen nobela bakoitza gozoki azukratu baten antzera ematen da ahora, baina zintzurrera iritsi orduko gostu zakar, mingar eta kiratsez zartatzen dela argi daukat. Irakurketa betidaniko esperientzia intimoa da. Burka ilunez jantziriko hiru emazte hurbildu dira Santizpiritu zubiaren maldara markazko jantziz apaindu beraien haurrekin. Mundua kontraste bat da eta nire behinolako galderak ez dira hutsean urtu: bakeak, justizia eta egiaren zoruan errotu beharko du. BIHAR HASTEN DA BERRIZ Beti galdatzen diogu gure buruari, hain saindutua dugun literaturaren alorra, egunerokoan pasatzen diren gertakariekin uztartzen ahal dugunez. Egia erran, saindutzearen erruz letren gure mundutxoa Etxahun Barkoxeren Kastero ospetsua bezain saindu bihurtu dugula uste dut… Gaira itzuliz, eder zait literaturak sartu behar ez lukeen zoko moko guztietan ikustea, nagi, trakets, ez-jakin, alfer, zalantzakor, behaztopatu eta perpausaren oreka bilatzen oraindik ere. Ildo horretatik, erakunde terroristaren armagabetzea, nik apirilaren lehenean iragarriko nuen, apirilaren zortzian baino. Baina ez dute euskal idazleek ETAren agenda sekula kudeatzea lortu. Euskaldungoak ez zuen inoiz, larunbat bezainbat, bake hitza ezpainetan erabili, eta aldion ez zen soilik Baque kafea eskatzeko Baiona Txikiko tabernetako eguteretan. Goizeko ordu uherretatik arratsaldeko tenore urdineraino entzun genituen, taula gainetan eta mikro sotilen aitzinean, prediku handiosak egiten: azken orduko bakegileak zirela nioen, ondoan neukan itzalari, gehienek hondar lau hamarkadak gerra sustatzen iragan zituztelako, gerraren garapen haluzinatua ez salatzen bederen. Arma horiek, dena dela, hobe dira frantses (estatuko) botere judizialen eskuetan eta ez ideologo fanatizatuen ahurretan. Xinaurri batek xuxurlaturik daukat: aurten, Suediatik banatzen den Bake Nobel Saria Euskal Herrira etorriko da eta Txetxek JR Etxegarai Baionako auzapezarekin partekatu beharko du. Sari emailea jadanik aukeratua dute: Lisbeth Salander kuttuna. Zutabegile zenbaitek top abiatzea eman digute. Orain txisteak eta txantxak egiten ahal ditugu erakunde (des)armatuaren bizkar. Baina ziur nago, karia honetara, irri gutizia gutxi duen jende parrasta badela bazterretan, erailak izan diren 829 jatorri ezberdinetako herritarrak eta, agian, euskaldun hiritarrak beraiek, intelektualki kaltetuak izan zirelako mende erdi luzean zehar. Ez dezagula umorea galdu: apirilaren 8an, Baionan, ETAren ekinaren benetako derrota –zergatik izutzen gaituzte hitzek?- garaipen ikur distiratsuz apaindu zen eta diskurtsoak, literatura aldetik, egoera uherraren lekuko plazaratu ziren. Haietako bi geratuko dira memorietan: arratsalde eguzkitsu hartan Bakegileek lau hizkuntzetan irakurri zuten agiria, bata, eta bestea Urkullu lehendakariak Donostian eman zuena, aditz trinkoak erabiliz, epika eta etika eleekin hitz joko oroigarriari bidea eginez gainera. Zutabe hau izkiriatzen dudan bitartean Espainiar (estatuko) telebistan Amaral abeslaria ikusten dut pantailan Picassoren Guernica margoaren maldan kantatzen, Reina Sofia erakustokian. Gogoan dut nola, apirilaren 6an, Beñat Axiari eta biok, Omar Souleimane eta Khouloud al Zghayare poeta siriarren olerkiak irakurri genituen, bi hizkuntzetan, Boujlalen oud musikaz eta Hannahren ahots sakonaz lagundurik, Zumetaren Gernika koloretsuaren itzalean, Baionan. Guernicatik Gernikara luzatzen da bakearen xendra. Musikari, basa-ahaide hegalda arazle, hizkuntzen altzoan kulunkaz dabiltzan eta Fargo-ren antzeko telesailek haziriko idazleen edo dantzari sinets ezinengatik baizik ez balitz, ez liteke nehoiz gerrarik piztuko, nehoiz. Zelan ez digute politikariek konfiantzarik egiten? Euskal gizarteak oraindik ere armak amets dituela ohartzea harrigarria zait. Artikulu pare batean kausitu dut armen metafora irudimenari aplikatua, gardentasunari. Ez dira debaldetan higatu hamarkadak, adrenalina isuri zaigu zainetan, uste izan dugu borroka testosteronatsu maskulinista hori gure izenean eraman zela, gorrotoak egin gaitu eta herioak urratsak markatu dizkigu apirilaren 8ko ordutegi xehe ekumenikoraino. Agian arma elea ezabatu beharko genuke, euskal zereginez mintzatzeko orduan. Halaber borroka. Hauen ordez urrikia, barkamena, damua eta maitasuna jartzeko. Berri erraldoia daukat irakurleontzat: bihar hasten da Nit I Dia telesaila Kataluniako telebistan, bigarren sasoia, lehena bezain zirraragarria. Eta diot: hemendik aitzina dastatuko dugun biolentzia bakarra fikziozkoa izan dadila. AMETS TOTALITARIOAK Frantziako lehendakari berriak amets bat dauka: bere herrialdea, hautsia eta elkar gorrotatzen duten bi partetan banatua irudikatzen du eta bera da gizon probidentziala, herrialdea bost urteetan artatuko, gozatuko, baketu eta gantzaz estaliko duena. Diskurtsoetan nahasten ditu erregeen denborako eta iraultzaren ondoko erreferentziak, eskuina eta ezkerra uztartzen dituela ikuspegi globalizatzaile totalitario bakarrean. Egoera larria izanki literaturaren uhinetara buruz behera jauzi egiteko ordua da. Bi ildo nagusi urratu litezke: batetik, Hannah Arendt handiak, Totalitarismoaren Jatorria obra maisuan, politika mailako mugimendu etengabearen oldeetan faxismo neoliberalaren ezaugarriak finkatzen ditu eta bestetik Emile Zola trebeak 1896an plazaratu Paris nobelan, gaur bezala, sozialki eta politikoki apurtu estatuaren itxura eskaintzen zuen, III. Errepublikako gobernuak osatzeko airean zeuden ezker-eskuinak batzeko fantasmak jorratuz! De Staël andereak berak aspaldian berantetsia zuen la république apaisée haren etorrera! En marche deitzen da Macronen atzetik dabilen saldoa, jendarte zibileko mailak oro biltzen omen dituela. Baina ikertzen bada klase ertaineko kideak dira gehienak, krisiagatik irabazle ateraiak: langile arrunt, laborari eta langabeturik ez da aurkeztuko aurten ere parlamenturako bozketan. Presidentea mintzo denean iluminatu baten predikua entzuten gaudela dirudi, aldi berean dirua maite duen printze makiavelikoa eta Napoleonen ondorengo zuzena izan nahiko balu bezala. Bizitza politikoaren globalizatzeko jaidura nabaritzen zaio eta kolonialismoaren erroetan bermaturiko Frantziaren handitasuna ez du ahanzten: le monde et l’Europe ont plus que jamais besoin de la France. Ez gutxiago. Bere zibilizazio misioan bederen sinesten du. Iluminazio eta fede atenporalek sustatzen dituzten mugimenduak lanjerosak izan daitezke. Gatazkak zurruntzea eta leize sozialak berdintzea xede duten mesias neoliberal berrien politikez mesfidatu behar genuke. Gerra edo gerrilletako erailketak ekiditeko helburua ederra baldin bada, solasek, hizketaldiek, eztabaidek ez dute gelditzeko premiarik: jendarteak bizirik jarraitzeko eskubidea du, gertatzen dena kritikatzeko edo zergatik ez, sarkastikoki trufatzeko ere bai. Mutur eder batek ( Nit I Dia telesaila katalaneko Clara Segurarena nahiago dudan arren) ez du baitezpada lehendakari ona egiten, bera baino bi hamarkada zaharragoa duen andreak people egunkarien zutabeak kitzikatuagatik: Trumpen zerbait bada Macronengan. Emile Zolak (1840-1902) XIX mende bukaerako Frantziako garapen industrialaren urrats morbidoak hurbiletik idatzi zituen, bereziki Rougon-Macquard sagaren hogei bolumenetan. 1987ko L’Aurore izparringiko J’accuse artikuluaren egilea zen, Dreyfus aferaren karietara. Frantzia ebaki baten lekukotasuna ekarri zuen 1896an Paris eleberria plazaratu zuenean Ravacholen trakako edo Europatik ihesean etorri anarkisten atentatu terroristak biderkatzen zeuden garaietan. Geriza sozialik gabeko herritarren miseria latza zen orduan eta aberats zein aristokraten opulantzia guztiz agerikoa. Idazleak, munduen artean, gaindiezinezko holtzak altxatzen ditu, fikzioaren bahea erabiliz. Salvat anarkistaren gillotinatzea deskribatzen digu, labanak gizon gaizoaren lepoa mozten duen uneko zarata entzun arazten digularik, martirismo kolektiboari bidea irekiz. Deus galtzekorik ez zuela, Guillaume Froment ere sartuko zen baltsan, berak asmatu zartagailua pausatuz La Communeko bekatuen expiatzeko eraikiriko Sacré-Coeur elizaren oinarrietan estreina egunean: ez zaitez nehoiz joan eliza zurbil horren bisitatzera, bertan ehortziak direlako langileen eta proletario biluzien desioak! Atentatua ez zen obratuko eta behingoz Zolaren nobela bat happy end batekin bukatuko zen, anaien arteko malkoek troxaturiko mundu hobe baten xedea zizelkatuz. Debaldetan: ez dira atzokoak frantsesen egungo minak, frustrazioak, herrak, zinkurinak eta ez dituzke Macronek soilik sendatuko. ERREPUBLIKA PLAZA Ekaina bero honetako arrastiri apaletan Santizpirituko Errepublika Plazara noa, hango platano zuhaitzen maldan bazterrei begira edo irakurtzen higatzeko. Betikoa, etxean ezin egon. Baina ba ote dago Baionan Katakrak argitaletxeak duela gutxi publikatu duen Robert Menasse austriar pentsalariaren Europar Mezularia liburuxkaren irensteko leku zuzenagorik? Eneko Aizpurua idazleak ederki itzuli lanari esker eta plazan lerratzen diren jende multzoen itzaletan urturiko Europaren kontzeptu hain lardaskatu horretan berriz sinesten hasteko espaziorik egokiena zait. Ez da tokirik isilena: autoak, autobusak, motorrak, oinezkoak, lasterkariak, matoaz lagundurik karrikak nekez zeharkatzen dituztenak aitzinetik pasatzen zaizkit eta soa orrialdetik gora altxatzen dut frankotan. Nire irakurraldia ez da jarraikiegia, ondikotz. Iturriaren ondoan mundua biltzen dela iruditzen zait, mundua bere aniztasunean oparitzen zaidala eta nire egonarria eskaintzen diodala trukean. Chronoplus konpainiako bus geltokian metatzen direnak zoraturik begiztatzea aski dut: Maria portuges haserretuz mintzo da eta Estefania asturiar lagunak gazteleraz erantzuten dio, debekatua izanagatik Ferdi kurduak tu egiten du lurrera, Lina eta Rikhy kanbodiarrek lagunkiro agurtzen naute, Modou senegaldarrak epako alegera helarazten dio Mohamed BFC jatetxeko jabeari, gazte taldeak trotinetekin jolasten dabiltza zaharrak molestatzen eta gero irriz lehertzen dira NY grabatua dakarren burukoa hozkan emanez. Teresa, Pierro eta Joanes ere hor daudela ahantzi gabe, zuberotarrez mintzo lasaiki, bizitza Forges de l’Adour edo Safam ohiko burdin infernuetan higatu eta arras konkortuak. Ostiraletan arabarrak handizki apainduak dira, larunbatetan auzo honetako juduek kapelu zuri-urdinak ziztatzen dituzte ileetan eta igandeetan gizon-emazte astun bezain adinduak herrestatzen dira elizaraino mezaren entzuteko. Eremu hertsian konfinatua bezala dago europar biztanle laginaren amets gaizto post-nazionala. Boteretsuen larderia eta manipulazioak kentzen baldin badira guztiok bakean biltzen gara eta gure harremanak lasaiak dira, batzuetan kexu puntuak nabaritzen diren arren. Behin, oihala garbitzeko makina hautsia nuelarik, plazako labanderiako –ez nintzen alta Jon Trollope- leihotik miresten nuen bizidunen batasun kalipuz bete eta bozkariotsua nola geldotu zuen urrunetik ziztuan, sirenak ozen, hurbildu zen polizia kotxe pare batek. Idoia Rodriguez Mondragon frantsesez izkiriatzen duen euskal idazlearen Etats de Crises ipuin bilduma nuen orduan eskuetan: egunerokotasun jabala bere hitzetan thriller zaintsu eta doietan pornografiko ankerra bilakatzen zen. Gustatzen zitzaidan, sobera. Baina Errepublika Plazan krisia suaren antzera hedatu zen, gazteak txori txepelen moduan eta laurogei urtekoak ahal bezala barreiatzen segitzen nituen bitartean: ikusgarria karrikan dago beti. Merkatua, Garruzen nola, ostiraletan da Santizpiritun ere. Ikurrinak, Che Guevararen potretak, Barçaren banderak eta rastafari distiratsuen lemekiko oihalak erosten ahal dira bertan. Halaber, kamioietatik erori markako zaku, gerriko, jantzi eta Bruce Lee eta Maggie Chungekiko DVD merkeak. Orduan dira emakumeak etxeetatik jalgitzen, kopetatik oinetara burka eta nikab ilunez apainduak eta saltzaileen txosnetan erdi biluzirik lerratzen diren neskatxa furfuriadunen ondoan aurkitzen, bularretakoak eta zetazko kuleroak aukeratzeko tenorean. Arratsaldeko hiruak arte ausatzen dira zenbait eleka, hausnarrean, oihuz, azken bezeroak harrapatuko dituztela ustez. Ez dugu deusezen beharrik, kontsumoaren neurria apaltzen goaz, girgilaz mukuru dauzkagu etxeak: ahurreko lineak irakurriko dizkidazu? Aitor bat zor dizut irakurle. Kanpoan beroegi egiten zuenean, Lauhazka hauek kometitzen iragan ditudan hiru urteotan, betazalak apaldu eta garunaren freskatzeko Minnesotako Fargo hirira eraman dut izpiritua: elur urteak, blizzard haizeak, urritasun izoztuak, odolaren gorria zuritasun subliminalean, hondorik gabeko krimenak, Wendy Lopez eta Gloria Burgle ikerlariak itxuratu ditut (Letren) Errepublika Plaza honen minetik. Baby we were born to run… barefoot!
AURKIBIDEA Minaretetik beha, begi zorrotzez … Juliarekin txateatzen 1984 Morgan Freeman paseatzen Tatuajeak 'F... you' Bederatzi mila arrazoi Prandelliren sekretua Laudrupen zergak Zipaio bat Ajuria Enean «Exiliatuen» meloia Vinicius Ipaneman Zapotecak Joanen hitz bakarra Arnaldoren liburua Oprah Alderdi Egunean Inkestak Cuenca espainiartzen Emmanuelle Barcinaren aitona Obama zuria balitz Patuak Londres, 1812 Merezitako tiroak Enkantea Parisen Messi, zubi 'Tofu' eta 'fufu' Eguzkia Mongolian 'Geisterfahrer' 'Torap doktrina' 'Yogurin' bidaiak Selma, Beyonce eta Denzel Burusoilen kalea Gillotina Anaïs, Anaïs Portugal, Kuba eta... Yolanda Ahaztuen komandantea Stasi Zarautzen 'Malaka' 'Elanchove' Zirkunzisioa Sarita Azkoitian Bakean herdoil bedi Erregimenak eta kazetariak Ama kamisetan Nazilandia Ricardoren gerra Komuneko papera Gere eta Isabella Gosaria diamanteekin Azken metroa Larunbat arratsaldea 'Terroristaren' apologia Minaretetik beha, begi zorrotzez … Hainbat lurralde ikus daitezke Jose Mari Pastorrek eraikitako minaretetik … Literatura eta zinemaren lurraldeak, esaterako. Anthony Burgessekin egingo dugu topo, eta haren ipuin ilunarekin, are ilunago zen XIX. mende hasierako Londres hartan kokatua; Philip Roth-ek, zirkunzisioa aitzakia hartuta, “normala” denaz, guretzat jakina!, gogoeta egitera gonbidatuko gaitu; Gran Torino filmeko Clint Eastwood zaharrarekin ere elkartuko gara, Ogasuna guztiok garela (ene bada, hala balitz … ) gogoratuko diguna; The Passage filmean agertzen zaigun harrizko euskal artzain hark ere egingo digu bisita, Anthony Quinn-ek gorpuztua, euskaldun erdi-basati, hitz gutxiko baina kausa nobleengatik arriskatzeko prest dagoen estereotipo peto-petoa bihurtuta; eta Sylvia Kristel-ekin ere izango dugu zita, aspaldiko partez, Serantes zinemako arratsalde haietan bixi-bixi sentitutakoak gogora ekarrita … Memoriaren eta kontakizunaren lurralde malkartsu zein arriskutsuak (batzuentzat, behintzat) ere ikusten dira minaretetik. Beltzak eta zuriak, demokratak eta biolentoak, onak eta gaiztoak, gehiegikeriak edo zehar-kalteak eta hilketak, benetako sufrimendua eta nolabaiteko sufrimendua … Jose Marik komunikabide handietan agertu bezain laster desagertu zirenak gogoratu nahi dizkigu, kontakizuna benetakoa eta osoa izan dadin, eta, esaterako, Yolandaz gogoratzeko egiten digu gonbitea, sufrimenduaren monopolioa bahitu dutenek bazter utzitako beste bat. Oscar Wildek The Importance of Being Earnest idatzi zuen; espainiar demokrazian Hellin abizena izatearen garrantziaz gogoeta egiteko aukera izango dugu. (Hitzaurrea idazten ari nintzela, Billy el Niño torturatzailearen heriotzaren berri eman dute: frankismoan zein frankismoaren ondorengo urteetan makina bat herritar basatiki torturatu zituena. Ohean hil da, jasotako domina guztiak soinean, egindako zerbitzuengatik jasotako soldata gehigarria azken euroraino kobratuta eta, jakina, epaitua izan gabe. Eta kasu bakarra izan balitz … ) Hausnarketak eta galderak planteatzen dizkigu kazetari santurtziarrak, gorago esan dugun bezala, lurralde hau oso arriskutsua izan daitekeelako eta, jakina!, denok ez baikara Mandela, auzi malkartsu hauetaz argi eta garbi hitz egiteko. Ezkerraldeko “muezzin” agnostikoak, bere minaretetik, beste hainbeste kontu aurkezten dizkigu, bere ikuspuntua emanez, noski, denok gure betaurreko bereziez ikusten baitugu munduaren kolorea. Halako batean, arropa zirtziladun emakume duin bezain pobrea agertuko zaigu Aljerreko kaleetan, zurrumurru arrazisten kontrako antidoto galanta. Beste emakume batek, Eugiko etxeko andre batek, euskaldun egiten gaituenaz ikasgai labur bezain zehatza emango digu, bere aitona gogoan. Gizon batzuk ere agertuko zaizkigu, Hugo Chavez zena, esaterako, badakizue: indio populista, barregarri (are gehiago txandal koloretsu horiek janzten zituenean) eta diktadore hori, mendebaldeko demokrazia orbangabeak anitzetan egurtu eta mespretxatua; Herr Pastorrek, beste betaurreko batzuk jantzita, hain mendebaldetar eta zuria (zentzu bikoitzean) ez den begirada ezberdin batez Chavez ikustera animatzen gaitu. Eta, Hego Amerikatik irten gabe, Garota de Ipanema kantua sortu zuen Vinicius de Moraes poeta eta musikaria agertuko zaigu, makina bat aldiz inarrosi nauen sentsazioari hitzak jartzeko: “Ni ez naiz heriotzaren beldur; nik bizitzaren nostalgia daukat”. Eta azkenik, besteak beste, minaretetik atzera ere begira dezakegu, behinolako Ezkerralde hari begira: Labe Garaiak, Babcock Wilcox, Euskalduna, gure arrantza-portua (garai hartan Santurtzi bazen norbait euskal arrantzaren barruan), kutsadura (Josu Murueta eta Antón Fernández erandiotarrak, arnasa hartzeko eskubidea aldarrikatzeagatik, 1969an poliziak hilak), grebak, manifestazioak (artean klase borrokaz konplexurik gabe hitz egiten zen) … Goizeko seietako txandan sartzen ziren langile asko lantegien ondoko tabernetan elkartzen ziren, egun gogorrari aurre egiteko lehen pattarraz eta tabernako bideoan ematen ziren pelikula pornoen marruez beroturik (Zarama talde santurtziarrak Kazaia kopa ta porno gogorra kantua giro horren eraginez plazaratu zuen) … Klase- eta nazio-kontzientzia bateratzen lurralde berezia izan zen gurea, hemengoak eta hangoak, hemengoen seme-alabak eta hangoenak arrago hartan bildurik, eta horretan Benitok, Itoitzek edota Errobik liluratu gintuzten, baita Pablok eta Silviok ere … Ezkerralde hark egin gintuen, neurri handi batean garena, eta inor gutxik Bizkaia sakona kontsideratuko duen arren, superfiziala izatetik oso, oso urruti zegoen. Igo zaitezte minaretera eta begiratu patxadaz handik ikusten den guztia, Calvo Sotelo kalean bizi zen Jose Mari Pastorren minaretetik. Bide batez esanda, ni General Mola kalean bizi nintzen … Andoni Arenaza Juliarekin txateatzen 2012ko maiatzak 19 Edozer egingo nuke zurekin oheratzearen truke». Rubem Fonsecaren ipuin bateko protagonistak paperezko mezu anonimoak idazten dizkio emakume gazte bati. Neskak ideiarik ez, nor izango ote den ezkutuan desiratzen duen pertsona. Etxebizitza horietako zaindariari azaldu dio kontua. Gizon zaharra da hura, itxuraz batere arriskutsua ez dena. Gainera, mihi gaiztoen arabera, gerran tiro bat jaso zuen hankartean... Brasilgo unibertso sentsualean girotutako istorioko pertsonaia sare sozialak eta teknologia berriak garatuta ez zeuden aroko gizona dugu, Paleolitokoa. Giza komunikazio arruntenaz baliatzen da bere desioen berri emateko. IPhone batekin zailagoa izango litzateke ustezko koldarkeria horretaz jokatzea. Ustezko, zeren ikusteko dago noraino dauden anonimotasuna eta koldarkeria lotuta, eta noraino ez. Izan ere, bada anonimotasunik gabeko koldarkeria ekintzarik. Zer da, bestela, bikotekideari SMS baten bidez ematea erlazioa amaitzeko erabakiaren berri, begiei begiratu gabe? Teknologia berriek komunikatzeko aukera ugari eskaintzen dituzte. Maitasun harremanak lantzeko, baita gorroto haziak ereiteko ere. Askatasun handiagoa duzu komunikatzeko, baina kontrol soziala eta bikotearen barrukoa ere lehen baino zorrotzagoak dira —Ianire Estebanez psikologoak azaldu du egunkari honetan atzo argitaratutako elkarrizketan—. Komunikazioaren mundua ziztu bizian garatzen ari da. Gazteak eskuko telefonoarekin ikusten dituzu gora eta behera, eta behinolako garaiak etortzen zaizkizu gogora. Etxeko telefono mugiezinaren iragazkia —hori ere kontrola zen—. Institutuko gelakideari gaueko bederatzi eta erdietan deitu zenion etxera. Afaltzen egongo zen, eta bazenekien amak hartuko zuela telefonoa, bai, amak %150ean. Ama alaba zaintzen, betiko legez. Baina zer arraio, egin beharrekoa egin behar zenuen, kabina hotz ilunean dar-dar, gaueko sentimenduen kontrabandista. Orain errazagoa da dena, baina telefono dei edo mezu baten hotsak edonor traiziona dezake. Gaur, edonork du aukera alboan lo egiten duenaren telefonoa hartzeko bere zalantzak argitzeko. Orain, teknologia eta sare sozialekin, eremu zabal emankorra da komunikazioa. Istorio gozoak bizitzen dituzu, baita bestelakoak ere: mezu hiper hot bat idatzi diozu rollito bati, baina, Neolitoko gizona zarenez, ez duzu telefono berri modernoa menperatzen. Eta, ohartu gabe, okerreko aplikazioa aukeratu eta mezua azkeneko deia egin dizun lankideari bidali diozu —emakumezkoa da, gainera—. Neska batek bere messengerreko helbidea eman dizu, txateatzeko. Bigarren saioan zeure buruari galdetu diozu zer egiten ari zaren helbide elektronikoa julia_roberts1… @hotmail.com duen neska batekin; zer pentsatuko zuen berak zure helbidea eskatu, eta zuk george_clooney1…. @hotmail.com eman bazenio. Ba, horixe, baboa zarela, gizajo galanta. Eta zuk zergatik ez duzu hori pentsatu behar Hollywoodeko hanka luzeenak inbidiatzen dituen neska bati buruz, ba. Julia Roberts hori ez da benetako Julia Robertsen modukoa, Yetiren alaba ere ez, baina horrek berdin dizu. Kontaktuen zerrendatik ezabatu duzu, ergelkeria iruditzen zaizulako bere burua Julia Robertsen moduan aurkezten duen neska batekin berba egitea. Eta duela urte asko zenuen freskuraz gomutatu zara. Zure herriko neskatxa maite bati bihotzaren zati handiena eskaini zenion eguna. Eguerdian, ausardiaz, alkoholik gabe. «Ez dakit konturatu zaren, baina ez zaizkit mutilak gustatzen». Hara, mutilak gustatu ez, eta zu ordura arte konturatu ez, papao hori! Eta zure erantzuna, erreflexu biziekin: «Ba, ez dut uste, baina deskuiduan gustua aldatzen baduzu, jarri nire izena zeure zerrendan». Eta urrundu egin zinen, bihotza behera baina burua gora, zeure zortea madarikatzen, baina puztuta, egin beharrekoa eginda. Orain, neska-lagunarekin bizi da, Espainia aldean. Zoriontsua da, itxuraz. The End. 1984 2012ko maiatzak 26 Brian de Palmaren Body Double filmean aktore pornoa da Melanie Griffith. Zuzendari batek pelikula bat filmatzeko esan dio, baina hark baldintzak jarri ditu: «Ez dut ezer egiten animaliekin; ez zait sado-masoa gustatzen, eta uko egiten diot tortola depilatzeari». Filma aste honetan eman dute telebistan. Quim Monzok duela ez asko idatzitakoa berretsi du Griffithen eskaerak: gorputzeko alde hori depilatzea estetika pornoaren ezaugarria dela —ileak ikuskizuna oztopatzen du…—; pornoaren itzalak herritar guztiei eragiten digula, baita kastuenei ere. To depilate or not to depilate, that is the question. Gaur bizi balitz, Hamlet gazteak ez lioke halakorik galdetuko bere buruari, Ofeliarekin egon baino lehen. Gilletemakina hartu eta aurrera. Behekoa depilatzea oraingo joera da. Duela 30 urte, ordea, ez zen ohikoena. Goikoa ere orain baino iletsuagoa zen. Biboteak eta bizarrak zeuden nonahi: bazen bizar bizkaitarra; bazen bizar nafarra; bazen bibote gipuzkoarra eta, horren barruan, azpitaldeak: bibote donostiarra eta Urola aldeko bibotea, esaterako. Frantziak administratutako Euskal Herrian sarriago mozten zuten bizarra gizonezkoek. Bestalde, baziren faxista kutsuko bibote finak eta bibote zakarragoak, gizontasun (?) ikurra zirenak. Eta guardia zibilen biboteak, noski. Orain gure errepideetan kontrolak jartzen dituzten guardia zibil gazteek, ordea, ez dute biboterik. Depilatuta daude, eta, uniforme barik, gimnasiotik ateratzen den edozein herritar izan litezke, Desigual edo Custo sudaderak jantzita. Egungo guardia zibilak metrosexualak dira, baina haien funtzioa lehen bezain kilometrosexuala da: hemen barrabilak nork dituen erakustea, argi ikus dezagun nork agintzen duen. Kontrol horietaz kexatu da Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea, Deia egunkarian asteon argitaratutako iritzi artikuluan. Jeltzalearen arabera, ETAk borroka armatua utzi arren, Guardia Zibilak kontrolak jartzen segitzen du. Horrek Gernikako Estatutua urratzen du, lege organikoak asko mugatzen baitu berdeenzeregina. Eguneroko jardunean ez dago mugarik, baina. Autoan apur bat mugitzen dena erraz konturatzen da: asteartean bertan kontrol bat zegoen, A-8 autopistako irteera batetik ez oso urrun. Duela hilabete eskas, EHUko atean zeuden txapelokerrak, Leioan, ikasleak kontrolatzen. Arrizabalagak dioenez, guardia zibilek operazio horien berri eman beharko liokete Ertzaintzari. Areago: baimena eskatu beharko liokete. Guardia Zibilak Ertzaintzari baimena eskatu kontrol bat jartzeko? Hala behar luke, teorian. EAJko politikariaren ustez, Ares jaunak ez du Ertzaintzaren funtzio integrala defendatzen. Ea, ba, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria bada, Ertzaintza bidaltzen duten Ibarruriko aldapako kontrolera, Gernikako Estatutuaren ale bat eskuan, Benemerita-ri mugak erakusteko. Seguru guardia zibilak ikaratuta daudela hori pentsatu hutsarekin. Azken asteetan ETAren historia errepasatu du Espainiako telebistak, Crónicassaioan. Jose Antonio Saenz de Santamaria jenerala (1919-2003) azaldu da bertan, hura ere depilatu gabe, mortsa bibotearekin. 80ko urteetan terrorismoarenkontrako borrokako buru aukeratu zuten Saenz de Santamaria. Hona haren hitzak: «Nire zailtasun handiena hauxe zen orduan: ia militarki jardutea, baina operazio militar baten itxura eman gabe». Egun ere berdin segitzen dute guardia zibilek. Militarki jarduten dute, baina saiatu egiten dira okupazio militar baten itxura ez ematen. Mamia ez da asko aldatu; azala, bai. Orain gure antzera ibiltzen dira guardia zibilak: depilatuta. Euskal Herrian ZEN plana indarrean zegoen garaian, berriz, desberdina zen —oharra irakurle gazteenei: ZEN horrek ez zuen zer ikusirik budismoarekin; pikolomonjeek beste era bateko meditazioa eskaintzen zuten euren monasterioetako egonaldietan—. Orduan ilea zen nagusi. Brian de Palmaren pelikula 1984. urtekoa da. Aktore pornoek izan ezik, nork depilatzen zuen tortola —edo barrabilak—1984an? 'Cafe Extra Ball' 2012ko ekainak 2 Duela bi egun 250.000 euro aberatsago esnatu zen. Kutxara joan zenean konturatu zen. Baten bat erratu zen, eta dirutza hori sartu zion kontu korrontean. Emakumeak ez daki dirua norena den, transferentzian ez baita izenik agertzen. Aholkua eskatu die programako entzuleei. Zalantzak ditu, dirua nola itzuli. Izena eta telefono zenbakia eman ditu. Berari deitzeko esan du, inork hutsegite horretaz zerbait badaki. Dirua bueltatu ala ez. Nork ez du antzeko zalantzarik izan, kasua hipotesi bat izanda ere? Inoiz itzuliko ez garen hiri bateko supermerkatu edo denda batean 50 euro gehiago bueltatu dizkigute. Zer egin? Berdin jokatuko genuke hutsaz supermerkatuko atean ohartuko bagina, edo handik 100 metro edo 100 kilometrora? Ez beti. Azaleko justifikazioak arrazoi moralei nagusitzen zaizkie sarri. Hori 50 eurorekin egiteko tentazioa badugu, zer ez zaigu pasako burutik ezustean milioi laurden bat euro jasotzen badugu. Entzuleek dirua bueltatzeko esan diote; Poliziari eman behar diola erantzun dio hizlariak. Aditu batek deitu du. Emakumeak deklarazio bat egin beharko du epaitegian, argi gera dadin diru hori hor dagoela, eta polizien eskuetan utzi duela. Horretarako abokatu baten zerbitzuak kontratatu beharko ditu eta berak ordaindu, ekintza ezezagun baten edo estatuaren mesederako izan arren —dirua inork erreklamatzen ez badu—. Emakumeari ez zaio justua iruditzen abokatuari berak ordaintzea. Ez da justua, baina logikoa da, erantzun diote. Eta diru horren benetako jabea agertuko balitz, zenbateko saritxoaz konformatuko zinateke? Dirutza horren % 1 emanez gero, ondo? Bai, horixe, 2.500 euro beti etortzen dira ondo. Zintzotasuna galdutako arte guztietan onena dela esan zuen Mark Twainek. Zuk inoiz ez duzu halako dirutzarik aurkitu, baina dirua galdu duzunean, beti itzuli dizute. Hutsegite handiena milioi laurden bat euroko emakumea bizi den hiri berean egin zenuen. Abendua. Elurra. Ostiral gaua, hitzordua kafetegian. Deutsche Welle-ren musika airean. Handik hotelera. Igande goiza arte ez zinen konturatu eskuko poltsa falta zitzaizula. Barruan pasaportea, hegazkin txartela eta ... 500 bat marko, hau da, ia 40.000 pezeta. 240 euro, eurorik ez zegoen garaian. Astelehen goizean itzuli behar zenuen Euskal Herrira, eta agiriak eta dirua galduta. Korrika batean itzuli zineten kafetegira eta hango zerbitzariari galdetu. Irribarre egin zuen: «Zuek joan eta berehala konturatu zen zuen mahaiaren ondoan zegoen beste bikote bat». Hogeita gutxi urteko neska eta mutila ziren, ilehoriak. Artean gogoratzen zinen. Neskak eraman zion dirua zerbitzariari. Zintzotasunaren artista. Nahi izanez gero, zer ez zuten egingo turista ezezagun batek galdutako diruarekin? «Hau Erroman gertatu balitzaizu, ez zizuten itzuliko, ez bikoteak, ez zerbitzariak», esan zizun lagun alemaniarrak, txantxetan. Barre egin zenuten. Zeinen lapurrak diren italiarrak, bai. Eta gu, zeinen zintzoak. Baina hurrengo hanka-sartzea ez zitzaizun Erroman gertatu, leku askoz pobreago batean baizik: Aljerren. Eta han ere Munichen bezain zintzo jokatu zuten. Bankutik irten zara. Atzeko poltsikoan 20.000 pezeta, dinarretan. Handik bost minutura, Boulevard de la Republique-n barrena zoazela, oihuak entzun dituzu zeure atzean. Itzuli, eta emakume bat: aurpegi zaharra, arropa zirtzila, baina begirada bizia eta planta duina. Eskuan bilete mordoa du. Alboan, gizon batek: «Esan du hau zurea dela, dirua ez botatzeko». Eskua atzeko patrikara eraman duzu. Hutsik dago. Bileteak lurrera erori zaizkizu, eta emakumea atzetik etorri zaizu bueltatzera. Zintzotasunaren artista. Nahi izanez gero, zer ez zuen egingo andre horrek kazetari ezezagun batek galdutako diruarekin? Saritxoa eman nahi izan diozu zintzo jokatu izanagatik, eta bilete batzuk luzatu dizkiozu. Ozenago egin du oihu eta eskuak altxatu ditu, zu jotzeko keinuak eginez. «Ez du zure dirurik nahi. Alde egiteko». Morgan Freeman paseatzen 2012ko ekainak 9 Maiordomoa Txinan. Horixe izan liteke etorkizuneko lan desiragarriena. Enplegu bulegoetan dugun panorama eta, batez ere, lan baldintzak ikusita, ez da erabat baztertzeko aukera. Kontuak atera: Txinako aberats berriekin urtean 125.000 euro baino gehiago irabaz dezake maiordomo batek. Horretaz gain, ostatua doan du etxe dotoreenetako batean, eta munduko bazter guztietara joan daiteke hegazkin pribatuan. Haiekin 10-15 urte lan, eta erretiroa, 67 urte izan arte itxaron gabe. Aberats berriekin? Klasea, kategoria, ez da erosten, esango du batek baino gehiagok, kexuka. Bai, hala da. Hango zure jaunak goizeko lauretan esnatuko zaitu, Kentucky Fried Chickeneko Zinger Burger bat nahi duelako —benetan gertatua da—. Eta baietz esan behar. Dena den, zer egiten duzu hemengo zure jabeak ostiralean esaten dizunean «komenigarria» dela larunbatean lantokira joatea enkargu batzuk bukatzeko? Zer sentitzen duzu ezetz esateko kemenik ez duzunean, datorren hilean Lanbideko ilaran egon nahi ez duzulako, eta biharamunean txurriarekin egoteari uko egin behar diozunean? Behin zeure burua prostituitzen hasita, hobe marmolezko jauregietako urrezko ohantzetan, herdoildutako eraikinetako koltxoi lohietan baino. Erosotasunagatik bestegatik ez bada ere. Robert Wennekesek, Nazioarteko Maiordomo Akademiako buruak, South China Morning Post egunkariari adierazi dionez, maiordomo trebakuntza ez da merkea, baina merezi du: 14.000 euro balio du ikastaroak, eta bi hilabetean prest zaude. Eta garrantzitsuena: lana duzu. Irtenbide hobe askorik ba al dute gure unibertsitateetan lau urte edo gehiago ematen dituzten gazteek? Nazioarteko Maiordomo Akademia —The International Butler Academy du izen ofiziala— Herbehereetako hegoaldean dago, Kasteel Oost herrian, Maastricht hiritik gertu. Hong Kongeko egunkariaren arabera, gero eta maiordomo gehiago behar dituzte Txinan, eta eskola horretako ikasle asko bertara doaz lanera. Asiako herrialdeko eskaera eskaintza baino handiagoa da. 2015. urtean bikoiztu egingo da. Aurreikuspenen arabera, 2,8 milioi aberatsek eskatuko dituzte maiordomo baten zerbitzuak. Jabeak prestigio sozial handiena izateko, Europakoa izan behar du morroiak. Garai batean, ukitu chic bat ematen zuen gure kontinenteko etxe aberatsenetan kolonietako zerbitzariak izateak. Antzera gertatzen da orain Txinan. Haiek ere kolonietako maiordomoak nahi dituzte: europarrak. Mendebaldeak kolonialismo kulturala bultzatu du munduan barrena. Txina komunista, aldiz, finantza kolonialismoa ezartzen ari da kapitalismoaren bihotzean —AEBetako bonuen lehen eroslea da— eta merkatu ekonomia nahierara baldintzatzen. Maiordomo zuriak izatea botere ekonomikoaren sinboloa da Txinan. Txinatar bat txinatarren zerbitzari? Hori edonork lor dezake; ez dauka meriturik. Anglosaxoi zuri bat bere apeten aginduetara makurrarazteak, ordea, bestelako sentsazioa eragiten dio zurien menpe egon denari. Human nature, zer egingo diogu ba. Londresen jatorri nigeriarreko lankide bat nuen. Urtebetetze egunean, cab bat alokatu zuen, hiriburuko taxi beltz horietako bat, gidari eta guzti, lagunekin gora eta behera joateko. Lagun guztiak beltzak ziren. Taxilaria, zuria; ingeles peto-petoa. «Gu jatetxean, pubean edo diskotekan gaudenean kanpoan geratu behar du, taxiaren barruan beti, gure zain», azaldu zidan. Astebeteko soldata osoa xahutu zuen egun hartako ospakizunetan, baina berdin zion. Hura poza, rolak aldatuta: Mister Daisy Morgan Freeman paseatzen. Robert Wennekesek egunkari txinatarrari azaldu dionez, maiordomo lanak badu arriskurik ere. Haren ikasleetako batek kontatu zion behin ezustean aurkitu zuela sukaldean etxearen jabea, celebrity bat. Amorantearekin zegoen faenaren erdian. Andreak haiekin bat egiteko esan zion. «Ezetz erantzun zuen. Gertatutakoa ahazteko esan nion, inori ez kontatzeko. Eta lasai hausnartzeko etxe horretan segitu nahi ote zuen lanean». Tatuajeak 2012ko ekainak 16 Chetan eta Sarju hiru ezaugarrik lotzen dituzte: lehengusuak dira; 17 urte dituzte, eta Indian lanean esplotatutako umeak izan dira. Indiako 1.200 milioi biztanleen %40 dira 18 urtez beherako umeak. 35 milioi haur ari dira lanean bertan, egunero 8-12 orduko txandetan, nekazaritzan edo lantegietan. The New York Timesegunkariak argitaratutako erreportaje batean ageri denez, horien artean daude Chetan eta Sarju. Haurren Lanaren Kontrako Nazioarteko Eguna izan zen asteartean. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak duela 10 urte aukeratu zuen ekainaren 12a, munduan lan egiten duten adingabeen egoera salatzeko. Jarduera horren aurkako kontzientziazioa hedatzea, estatu bakoitzak dituen lege eta araudiak aldatzea ez da erraz lortuko. Esplotazio horren sustraietara joan beharko litzateke, oinarri sozioekonomikoak irauli. Jarduera hori onartzen duten estatuek argudiatzen dute halako lana behar dela hazkundeari eusteko, beste irtenbiderik ez dagoela. Eta ezikusiarena egiten dute, sarritan umeak langileak ez ezik esklaboak ere badiren arren. Hemen saltzen dizkiguten produktu asko eta asko haurren eskubideak errespetatzen ez diren herrialdeetan eginak dira. Apenas dugun aukerarik kontra egiteko. Arropa Europan diseinatzen da, baina Asian ekoizten dute. Diseinu europarra dugu; materiala eta langileak, ostera, asiarrak. Hitz potoloetatik haratago, arazoa konpontzeak ez du lehentasunik. Ekainaren 12an hedabideei begiratu besterik ez dago. Zenbat manifestazio egin ziren asteartean munduan barrena, haurren lanaren aurkako egunaren harira? Eta Euskal Herrian? Ume langileak hor daude, eta, egoera benetan aldatu ezean, hor segituko dute luzaz. Chetan eta Sarju gazteek itxurazko markako arropa koloretsuak janzten dituzte, merkeak baina Indian total fashion direnak. Alde horretatik, traza berekoak dira. Gauza batek bereizten ditu bi lehengusuak, baina: Chetani tatuajerik ez egiteko eskatu zion amak, eta hark agindu zuen ez zuela gorputza tatuatuko. Sarjuk, aldiz, ez zuen halako promesik egin etxean. Tatuajeek hesi sozial guztiak hautsi dituzte egun. Leku guztietan daude, edozeinen azalean. Berdin dio Mumbaiko Jogeshwari suburbioan —bertakoak dira bi mutilak— edo Londresko Chelsea auzo pijoan. Tatuajeak hedatu egin dira, baina lehen zuten konnotazioa galdu dute. Larruan marrazkia zuen pertsonaren inguruko misterioa desagertu egin da. Tatuajea sozializatu egin da, baina balioa galdu du. Lehen, pedigria behar zen tatuaje bat egiteko. Legearen beste aldean edo legearen ertzean ibiltzen zen jendearen ezaugarria zen tatuajea: piratak, abenturazaleak, presoak, marinelak, prostitutak… Lehen, tatuajea zuena estigmatizatuta zegoen. Carné edo Duvivierren errealismo poetikotik irtendako pertsona izan zitekeen. Orain, 20 urteko gazte nini batek erakusten du tatuatutako besoa, gurasoen BMW dotorea gidatzen ari den bitartean. Lehengo marinelek St Pauliko ostatu ilunetan grabatzen zuten lortu ezinezko amorantearen izena. Orain, gela dirdiratsuetan tatuatzen dugu gure azken eta betiereko maitasunaren seinalea. Halaxe egin zuten duela zortzi urte Bk eta Pk. Bihotz bana tatuatu gerrian behera, izterraren hasieran. Bihotz gorriaren erdian, bien izenak, gezi batekin. Duela gutxi banandu ziren. Amodioa ez zen,espero bezala, bizi osorako izan. Tatuajea, ordea, bai. Zer sentituko du orain maitale berriak, bikotekidearen izterra gozatzen hasi eta aurreko maitalearen bihotza laztantzen duenean? Sarjuk lau tatuaje ditu: batean Chamela hitza grabatu du, amaren izena; beste batek magia beltzaren ondorioz hil zen lagunaz oroitzeko balio dio; hirugarrena aitari eskainia da. Azken tatuajeak hiru gurutze ditu. Apaiz kristau bati dedikatu dio Sarjuk. Txikitan bizi zen auzoan jana eta arropa banatzen zituen. Eta esperantza. 'F... you' 2012ko ekainak 23 F... you. Zenbat aldiz ahoskatu dute ingelesezko esamolde horren baliokidea katalanera itzulitako filmetan, zineman katalanaren erabilera normaltzeko onartutako legearen ondorioz? Asko. Euskarara baino askoz gehiago itzuli da esaera katalanera. Izan ere, lege horren arabera, Katalunian estreinatzen diren filmen erdiek katalanezko bertsioan egon behar dute. Salbuespen bat dago, baina: arauak edozein hizkuntzari eragiten dio, espainierari izan ezik. Jatorrizko hizkuntza espainiera duten filmak %50eko kuotatik salbuetsita daude. Salbuespen hori espainolaren aldeko pribilegioa dela esan dio Europako Batzordeak aste honetan Generalitatari, eta legea aldatzeko eskatu. Europako beste hizkuntzetan dauden filmak katalanez eman behar badira, espainierak ez luke betekizun horretatik kanpo egon behar. Bruselak ez du legearen mamiaren kontra egin. Espainierazko filmak ere itzuli behar direla esan du, besterik ez, espainierari beste hizkuntzei onartzen ez zaizkien pribilegioak onartzen zaizkiolako. Hemen oraindik ez dugu f... you hori itzultzeko behar handirik. Gure legeak ez dira zigortzaileak —hizkuntzari dagokionez; gainontzeko arloetan gero eta arau eta zigor gehiago ditugu, baina kultura edo hizkuntz ekologia ez da gure lehentasuna—. F... you itzuli ez, baina haren erabilera bultzatu bai. Hedabide pribatu eta publikoetatik. Astelehenean galdera bota zieten euskarazko irrati bateko entzule gazteei: «Nori esango zenioke gaur f... you?». Entzuleen zenbait erantzun: «Amari gaur oihu egin dionari, f... you»; « mutilari, f... you, zurrunga egiten duelako»; «Whatsappeko mezuak erantzuten ez dituen jendeari, f... you»... Hegoaldeko euskaldun asko ez gara oso iaioak kortesian. F... you herria bihurtzen ari gara. «Egun on» entzun, eta hortz arteko «egun on» behartu batekin erantzuten dugu, erantzuten baldin badugu. Gutxieneko jendetasuna sobera da guretzat; txorakeriak dira horiek. Ez dugu espainolak izan nahi, baina espainolen ohitura zakarrenak hartzen ditugu —onak, egon badaude, baina horiek inoiz ez ditugu gure egiten, siesta izan ezik—. «Egun on» edo «kaixo» entzun, eta ezer ere ez. Edo orain modan dagoen beste agur mota bat, jatorra oso: «Qué pasa!?!?». Goizean goiz kalean edo lanean lagun bat agurtu eta zein da erantzuna? «Qué pasa!?!?». «Zer pasatu behar da, ba, zu agurtzeko? Hain berezia zara?», pentsatzen duzu. Ez dakizu benetan zure ongizate espiritualaz kezkatuta ote dagoen edo, darabilen doinuagatik, zerbait leporatzen ari zaizun. «Qué pasa!?!?». Ematen du Far West-eko saloon-ean sartu zarela eta Dalton anaiak zain dituzula, whiski bana eskuan, zu hantxe bertan akabatzeko. «Qué passa!?!?». Lapurdiko edozein karrikatako azken katuak esango dizu «egun on» edo «bonjour». Bai, frantseskeria da hori, zurikeria, badakizu gabatxo puta hauek nolakoak diren. Eta espainol huile d'olive pitoak nolakoak gara, ba? Aukeran, nahiago ustezko zurikeria gozoa ustezko zintzotasun zakarra baino. Kortesia kontuetan badirudi euskaldun asko ongiaren eta gaizkiaren gainetik gaudela. Lebitatzen gabiltza. Jendetasuna? Zer da hori? Gu oso jatorrak eta azkarrak gara; ez dugu halakorik behar. Kontuz, baina: azkarra zakarra izaten da, hizki bakar bat aldatuta. Gainera, zertarako nahi duzu ondoan pertsona ustez azkar bat, sarri haren inteligentzia emozionala putzu batean korroka dabilen apo likits batenaren modukoa baldin bada? Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko elkartasun bazkari batean zerbitzari lanak egitea egokitu zitzaigun behin. Kafe ordua iritsi, eta bi mutil gazterengana hurbildu nintzen, kafean esne pitin bat nahi ote zuten edo. «Esnerik? Ez, motel, ez. Nahiko esne daukagu hemen!», oihu egin zuen batek, eskua hankartera eramanez. Gaztanbera kiloa zenbat zen galdetzea bururatu zitzaidan, baina isildu egin nintzen. Irribarre egin nion begietara, neure buruaren barruko zurigunea zazpi hizkik hartzen zuten bitartean: «Fuck you». Bederatzi mila arrazoi 2012ko ekainak 30 Historiaren filmoteka osatzen hasi gara. Nor bere aldetik. Filmen oinarria errealitatea den —izan zena gogoratzeko— edo fikzioa —izan ez zena asmatzeko—, horixe eztabaida. Filmak egiten hasi gara, baina baliabideak ez dira berdinak guztiontzat. Batzuei ukatu egiten zaie lan hori egiteko modua. Haien errealitatea pantailaratzea galarazi nahi diete mehatxuen bidez: erakunde publiko batek 9.000 euroko laguntza ematea talde politiko bat legez kanpo uzteko arrazoia izan daiteke. Itsulapikoa atera beharko dute kalera zinema zuzendariek 9.000 euro lortzeko? Jende aurrean diru hori eskatu edo ematen duten lagunak ere legez kanpo utziko dituzte? Biktimak gogoratzeko garaiak ditugu, biktima guztien sufrimendua, baina batzuek bi mailako biktimak nahi dituzte. Badirudi alde batekoen sufrimendua beste aldekoena baino handiagoa dela, biziagoa. Sentimendua ezin da kuantifikatu, neurtu; ez dago oinaze merkaturik hura kiloka saldu eta erosteko. Hala ere, baten batzuk besteen sufrimendua gutxiesten saiatzen ari dira. Beste horien sufrimenduari ez diote kalitate labela ematen. Sufrimenduaren monopolioaz jabetu nahi dute. Sufrimendu gordinena eurena edo euren aldekoena baino ez da. Besteen sufrimendua ia-ia zehar kaltea da, PPko ordezkari politiko bat esatera ausartu denez. Ikusi besterik ez dago nola kontatzen ari zaigun historia. Batzuek hilketak egin dituzte; beste batzuek, ordea, gehiegikeriak. Alde batean sadismoa dago; bestean, hutsegite hutsak. Hor ez dago indarkeriarik, ez da existitu ere egiten. Ez dago nahita eragindako hilketarik; ez dago aldez aurretik diseinatutako politika errepresiborik. Gehienez ere, abusuak izan dira. Dokumental batean ikusi dugu: pertsona bati buruan bederatzi tiro jotzeari gehiegikeria deitzen badiote, zer gertatu beharko da hilketa bati hilketa deitzeko? Hamaika aldiz gogorarazi digute alde batekoek xanpainarekin ospatu dituztela hilketak; menu berezia eskatu dutela kartzelan, haien aldekoen armek bizitza bat errotik moztu dutenean. Halako irudiekin osatzen ari dira historiaren filmoteka. Alde bateko biktimak omentzeko lanak eta ekitaldiak ugaltzen ari dira. Besteen oinazearen berri emateko saioak urriagoak dira, eta hamaika oztopo dituzte bidean. Besteen sentimenduak azaltzeko egitasmoak mugatu nahi dituzte. Alde batekoen kexua besterik ez dute onartzen; besteena, ez. Besteen alde humanoa azaltzea delitua da. Besteak munstro agertu nahi dituzte. Haiei buruzko edozein aipamen neutral zigortzeko arrazoia izan daiteke. Arrigorriagako plazan Argalaren gorpuari agur militarra egin zioten guardia zibilei terrorismoa goratzea leporatuko liekete gaur. Bi aldeetatik begiratuta, filmoteka aberatsa osatzeko adina lan emango luke gatazka espainiar-frantsesak. Zenbat film egin litezke! Ez soilik bonba-autoek eragindako triskantzei buruz. Zenbat film egin litezke kuartel eta komisaria barruko irudiak zuzendari ausart batzuen eskuetan egongo balira. Biktimen testigantzak ez ezik, borreroenak ere kontuan hartzekoak izango lirateke pelikula edo dokumental horietan. Hainbat kezka eta galdera etiko azalduko litzaizkiguke, batzuek atentatuak xanpaina edanez ospatu dituztela esaten dugunean bezalaxe: frankismoak fusilatutako militanteen hiletetara joaten ziren poliziek euren lagunen hiletetan ere janzten zituzten kolore biziko gorbatak? Zer sentitzen zuten demokraziako poliziek kartzelan hildako presoaren lagun eta senideei oldartu eta hilkutxa lurrera botatzen zuten bitartean Bilboko kaleetan? Arratiako etakide historikoaren aita atxilotu eta mendeku hutsez torturatu eta gorputza ubelduta utzi ziotenek zer afaldu zuten gau horretan? DGSen egoitzan atxilotua gorputza lehertu arte torturatu zutenak bingora ala kabaret batera joan ziren gatibua hil eta gero? Estatuko segurtasun indarretako kideek erekziorik izan ote zuten emakume hura makila batekin bortxatu zuten bitartean komisariaren zigorgabetasun ilunean? Prandelliren sekretua 2012ko uztailak 7 Sigmund Freuden arabera, erotismoa eta heriotza dira gauzarik inportanteenak bizitzako garrantzi handiko gauzen artean. Beste guztia eros eta tanatosbikotearen menpe dago. Bizitzaren pultsioari eta heriotzaren pultsioari lotuta gaude. Bi indarren arteko borroka saihetsezinak gobernatzen gaitu. Batak bizitzera bultzatzen gaitu; besteak, sufrimenduaren bidera. Erotismoa, desioa, maitasuna lagun ditugu Itakarantz nabigatzen dugun bitartean. Bizitzaren ikurra dira. Heriotza azken portua da, lehorra, gure barne ekaitzak betirako baretuko direna. Horren guztiaren berri daki Cesare Prandellik. Italiako futbol selekzioko entrenatzaileak jaso duen kolperik latzena ez da izan Espainiaren kontra Europako txapelduna izateko aukera galdu izana. Haren bizitza, beste hainbat gizon eta emakumerena bezala, sufrimendu bizienak ilundu du tarteka. Edo argitu, nondik ikusten den. Roma taldea entrenatzen hasi eta gutxira, emazteak tumore bat zuela esan zioten medikuek. Prandellik lana utzi zuen haren ondoan egoteko. Andreak ezin izan zuen minbizia gainditu. 2007ko azaroan hil zen. Hedabideek Prandelliren bizitza gogorarazi dute egunotan. Kirolari italiarrak futbol partida batetik bueltan ezagutu zuen andrea izango zuena. Prandellik B kategorian jokatzen zuen orduan. Txokolate bat hartzeko gogoa zuen, eta kafetegi batean gelditu zen. Hantxe aurkitu zuen Manuela, beste lagun batekin. «Elkarri begiratu genion, eta geroztik ez ginen banandu», kontatuko zuen urte batzuk geroago Italiako entrenatzaileak. Hurrengo egunean Manuelaren eskolara joan zen Cesare gaztea, eta neskaren zain egon zen atean. Erlazioaren hasiera izan zen. Manuela Caffik senarraren eta seme-alaben ondoan pasatu zituen azken orduak. «Medikuek esan ziguten hilzorian dauden gaixoek senideen ahotsak baino ez dituztela errekonozitzen azken uneetan, eta gu hantxe egon ginen hari mintzatzen. Horrek lasaitu egiten zuen», kontatu zuen gero Prandellik. «Haren azken hitzak barruan daramatzat, gordeta, baina ezin ditut esan. Desagertu egingo lirateke». Emaztea hiltzearekin batera jaio zen Prandelliren sekretua. Garai horietan giza izaeraren hainbat ezaugarriz jabetu zen Italiako entrenatzailea: «Konturatu nintzen jende asko maitasunaren beldur dela. Maitasuna eman egin behar da. Ematea errazagoa da ez ematea baino, baina geure egoismoaren gatibuak gara». 30 urtean behin baino ez ziren haserretu senar-emazteak. Maitasuna eta elkarbizitza uztartu zituzten. «Ezingo nuke infidela izan. Beste batekin ezingo nuke sentitu berarekin sentitzen dudana». Entrenatzailea gurasoei buruz mintzatu zen La Repubblica egunkarian, emaztea hil eta hiru hilabetera eman zuen elkarrizketan. Aitarengandik, lanari dion errespetua hartu zuen. Amarengandik, «maitasunaren alde fisikoa» ikasi zuen Prandellik: «Maitatzeaz ez lotsatzea, eta hori erakustea, bihotzaz, buruaz, eskuez». Zenbait lagunek benetako maitasunaren eredutzat jo dituzte Prandelliren bizipenak eta jokaera. Beste batzuk ez dira ados egongo, norberak zein duen benetako maitasuna adierazteko modua. Hala ere, argi dago kleenex gizarte honetan ez dela oso ohikoa Italiako entrenatzailearena bezalako erlazioa. Prandellik beste emakume bat ezagutu zuen 2010. urtean. Geroztik harekin dabil. Bizitzari eutsi dio, baita bere sekretuari ere. Igandean 4-0 galdu zuen Espainiaren kontra, baina horrek ez du ardura. Arrigo Sacchik esan zuen behin futbola gauzarik inportanteena dela garrantzi txikiko gauzen artean. Laudrupen zergak 2012ko uztailak 14 Espainiako kazetari batek Danimarkako presio fiskalari buruz galdetu zion behin Michael Laudrupi. Zergetan gehiegi ordaintzen omen zen bertan, ados zegoen edo. Jaioterriko zerga sistema egokitzat jo zuen futbolariak, zergen dirua herritarren ongizatea bermatzeko dela argudiatuz. Berak gustura ordaintzen zuen. Zergak gustura ordaindu? Hemengo edozein herritarrek —ez soilik futbolari aberatsek— nekez ulertuko lituzkete Laudrupen hitzak. Kultura edo pentsaera kontua da. Hego Europan eta Ipar Europan ikuspegi diferenteak ditugu zergei buruz. Laudrupen pentsaera eta jokaera erantzukizun kolektiboan errotzen dira. Max Weberrek aztertutako etika protestantearen ezaugarriak dira, lanaren eta arduraren garrantzia nabarmentzen dutenak. Han ere badira zergetan iruzur egiten dutenak, baina gizarteak ez ditu txalotzen. Gurean, bai. Hemen oso sinpatiko zaizkigu iruzurgileak, picaresca espainolaren tradizioan. Batzuetan, amnistiatu egiten ditugu. Esaten dute Alemanian, proportzioan, hemen baino politikari gutxiago daudela. Hau ere esan beharko lukete: iruzurraren kontrako teknikarien kopuruak hemengoa bikoizten duela. Eta han iruzurgilea ez dela salbatzen. Justiziak berdin tratatzen ditu iruzur egiten duen langile xumea edo aberats handiena —galdetu, bestela, Steffi Grafen aitari, zenbat lasaigarri hartu behar izan zituen alaba tenislariaren kontuekin garbi ez jokatzeagatik kartzelan pasatu zuen denboran—. Hemen zergak ordaintzea ahaztu egiten zaigu eta ezer ez da gertatu: diputazioari arte lan batzuk eman, eta kito. Fini. Espainian eta hark administratutako Euskal Herrian ez dugu oso barneraturik erantzukizun sozialaren kontzeptua. Zerbait ematen dugunean penaz edo, gehienez, elkartasunez egiten dugu, ez erantzukizun sozialez. Hemen klan moduan funtzionatzen dugu: gure administrazioa etxekoak dira, familia. Eta lagun hurkoenak. Izan ere, horiexek ditugu sostengu, estatuaren benetako babes sendoaren ezean. Zergak gizartearen ongizaterako dira, baina ez gaude prest ordaintzeko. Ia denok saiatu gara, noizbait, bideren bat aurkitzen erantzukizunari ihes egiteko. Edo iruzur egin dugu, txikian edo handian. Unamunok «que inventen ellos» esan zuen. Alegia, besteek asma dezatela, gero geu baliatuko gara haien asmakariez. Guk ere berdintsu jokatzen dugu zergekin. Besteek ordain dezatela, gero geu aprobetxatuko gara haien diruaz eskainitako zerbitzuez. Zergak ordaintzea tontoarena egitea dela argi utzi du Espainiako Ogasun ministro Cristobal Montorok, BEZaren igoeraren harira. Ordaintzen ez dutenek ordainduko balute, ez litzateke zerga igo beharko. Adar jotze galanta dirua jartzen duenari. Pentsatzen al du Montorok %18ko BEZa ordaindu ez dutenek %21ekoa ordainduko dutela orain? (kar, kar, kar, barre algara platean). Lehen ordaintzen zuenak gehiago ordainduko du orain, baina zalantza metafisikoa ez zaio burutik kenduko: iturgina etxera datorrenean eta «BEZarekin ala BEZa gabe» galdetzen duenean, zer egin beharko du? BEZarekin eskatuz gero, nork dio erreziboak egiteko langile autonomo horrek A taloitegia eta B taloitegia ez dituela, eta azkenekoan sartzen dituen fakturak, BEZarekin izan arren, benetan aurkeztuko dituela administrazioan? Inork ez. Haren hitzaz edo itxuraz fidatu beharko du bezeroak. Iturginak dirua jaso eta irribarretsu alde egingo du etxetik. Poz-pozik. Eta guri ere Bugs Bunny aurpegia geratuko zaigu. Gran Torino filmean Clint Eastwood zahar egoskorra abadeagana joan da aitortzera, hildako andrearen aholkuari segituta. Kontatu dio festa batean musu eman ziola emakume bati, artean emaztea bizirik zuela. Eta beste bekatu bat egin zuela ibilgailu bat saldu zuenean: «Diru hori ez nion Haziendari aitortu. Hau da, lapurtu egin nuen». Ez litzateke txarto egongo filmeko eszena hori hartu eta iruzurraren kontrako kanpainetako spot-ean jartzea. Baina kasu egingo genioke Clint zaharrari? Zipaio bat Ajuria Enean 2012ko uztailak 21 Edo Moncloan. Zipaio hitza zentzu mugatu batean esan izan da hemen, polizia arloan, baina hara non baden beste testuingururik erabiltzeko. Lehengoan, argi utzi zuen hori Bartzelonako egunkari ezagun bateko zutabegileak, Espainiako presidente Mariano Raxoi deskribatzeko killer eta zipaio hitzak aukeratu zituenean: «Raxoi Merkel andrearen killer ona da. Espainiarrak pobreziaren biderantz eramateko egiten ari den soldatapeko hiltzaile lana merkatuko onena da», zioen kazetariak. Eta jarraian: «Hemen ezer ez da gertatzen errudunak aukeratuen kastako kideak sentitzen direnean, Ipar Europaren zipaioak direnean». Raxoi, killer eta soldatapeko hiltzailea. Raxoi, zipaioa. Zer esan nahi du zipaio hitzak, baina? Hitz batek askotariko esanahiak izan ditzake. Hiztegiak ematen dion definizioaz gain, termino horrek baditu beste konnotazio batzuk, hizkuntza formalean onetsi ez arren herri hizkeran txertatuak direnak. Zipaio hitza da haietako bat. Haren esanahia ulertzeko, menpekotasun linguistikoan gaude euskaldunok. Hitzaren definizio osatuena espainolezko hiztegi batek ematen digu, ez euskarazkoak. Errege Akademia Espainiarraren hiztegiak hauxe dio: «Cipayo: (Quizá del port. sipay, y este del persa sepahi, soldado).1. m. Soldado indio de los siglos XVIII y XIX al servicio de Francia, Portugal y Gran Bretaña. 2. m. despect. Secuaz a sueldo». Lehen esanahian, kanpoko botereen zerbitzuan dagoen soldadua dugu zipaioa. Bigarrenean, soldatapeko jarraitzailea. Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiaren on lineedizioan begiratu, eta zipaio hitzaren arrastorik ez. Politikari hitzak sarrera bat du; lehendakari hitzak hiru sarrera ditu, ertzain hitzak beste. Zipaio hitzak, ostera, bat bera ere ez. Euskarak ez du zipaiorik, antza. Zipaio hitza ia tabua da gurean; hura erabiltzeak ondorio txarrak ekar ditzake. Deitu zipaioa ertzain bati, eta, astintzeaz gain, baliteke zu auzipetzea ere, goizean goiz All-Bran gosaldu ez badu. Deitu zipaio lehendakari bati, eta akabo koplak. Espainian, aldiz, zipaio, killer eta soldatapeko hiltzailea deitzen diote presidenteari, eta ez da ezer gertatzen. Baten batek, edozein arrazoi argudiatuz, Patxi Lopezi edo beste lehendakari (ohi) bati zipaioa deituko balio, nola erreakzionatuko genuke herritarrok eta politikariek? Askok errespetu falta dela esango lukete, baita instituzioa iraintzea ere. Lehenengoa egia izan liteke, kasuaren arabera. Bigarrena, ordea, ez. Lehendakari edo presidente bati lapur, gezurti, traidore edo zipaioa deitzea ez da instituzioa iraintzea, kargua daukan pertsonaren kontra egitea baizik. Gustu onekoak edo gustu txarrekoak izango dira aukeratutako hitzak, baina pertsonari zuzenduak dira, ez erakundeari. Argiketari bat alferra dela esaten denean, pertsona jakin bat kritikatzen da, ez da lanbidea iraintzen. Badirudi Eusko Jaurlaritzako lehendakaria denik eta pertsonarik garbiena eta ohoragarriena izaten dela beti. Birjintasunaren eredua. Jainkoaren ordezkaria euskal lurrean. Iraina garbitzeko manifestazioak egingo genituzke, Frantzian prentsa satirikoak Mitterrand, Chirac edo Sarkozyri buruz esandakoen erdien erdiak esango balizkiote hemen gure lehendakari bati. Espainiako presidentea zipaioa da, baina hori ez da oso gauza bitxia gaur. Gauden garaietan, agintari zipaiorik ez izatea da arraroena. Beraz, ez harritu inoiz EAEn lehendakari zipaio bat egokitzen bazaigu, orain artean egokitu ez bazaigu... Behin zipaioa izanez gero, Ajuria Eneko zipaioa, askotan, bi aldiz izango da zipaioa: Raxoi Ipar Europaren zipaioa da, baina gure kasuan lehendakari hori Ipar Europaren zeharkako zipaioa ez ezik, Madrilen zuzeneko zipaioa ere izango da. Zipaioa, killer eta soldatapeko hiltzailea, Bruselari men eta Madrili amen. Karguaren zina Gernikako arbolaren azpian egin arren. Jainkoaren aurrean apalik edo jainko barik harro. «Exiliatuen» meloia 2012ko uztailak 28 Berlinen izan zen. Erosketak egitera joan ginen kaleko merkatu batera. Meloia hartu nuen eskuetan, helduta ote zegoen ikusteko. Itxura ona zuen, eta lagun batek erosteko esan zuen. Halako batean, saltokiko emakumeak, gugana hurbildu, eta meloia kendu zigun eskuetatik, oso modu txarrean. «Espainiatik bota gintuzuen. Alde hemendik», esan zigun erdara garbian. Hizkuntzak nola markatzen gaituen. Espainolez ari ginen, eta espainoltzat jo gintuen. Emakume sefardita zen, Fernando Faltsutzaileak 1492an kanporatutako juduen ondorengoa. Espainiak jazarri eta botatako exiliatu haien urruneko senideren batzuen gorrotoak bizirik segitu du mendez mende. Aste honetan, beste exiliatu batzuen gaia azaleratu du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. ETAren indarkeriaren ondorioz Euskal Herritik alde egin zutenek gurean botoa emateko eskubidea izango omen dute. Horretarako baldintzak: Euskal Herrian bost urtean erroldatuta egon eta presio terroristarenondorioz alde egin izana. Proposamen horren atzean bozei eragiteko asmorik ez dagoela adierazi du ministroak: «Hurrengo belaunaldiak izan ditugu gogoan, ez hurrengo hauteskundeak». Ukaezina da ETAren jardueraren ondorioz jendeak alde egin duela Euskal Herritik. Baina zenbat izan dira? Areago: nola frogatu terroristen presioa? Oso subjektiboa da hori. Juduen kasuetan ez bezala, hemen ez zen dekreturik onartu jendea kanporatzeko. Demagun Euskal Herrian 30 urtean bizi izandako pertsona bat Espainiako jaioterrira itzuli dela. Demagun botoa eman nahi duela Hegoaldean. Nola justifikatuko du terroristen presioa? Bere kontrako zuzeneko erasoaren berri eman beharko du edo nahikoa izango da adieraztea urteroko jaietan kalean ikusten zituen presoen aldeko pankartek zorabioa eragiten ziotela? Bestalde, zer esan nahi du ministroak «hurrengo belaunaldiak» aipatzen dituenean? Iparraldeko sindromeak jotako polizia baten seme-alabek hemen bozkatzeko eskubidea izango dutela, haien aita Gipuzkoako errepideetan kontrolak jartzen ibili zelako bost urtean? Trantsizioko lehen urteetan Nafarroako herri bateko plazan ikurrinak ez jartzeko zelatatzen zuen guardia zibil zaharraren bilobek eskubide hori izango dutela, aitatxi, barkatu, abuelitoaren kuartelaren ondoan bizi zirelako txikitan? Bozkatzeko eskubidea estatukidetasunak ematen du. Eta bozkatzeko lekua, erroldak. Legez inor ezin da egon estatu berean bi lekutan erroldatuta. Iruzurra da, eta ezina. Bilbon jardundako polizia bat orain Sevillan bizi eta erroldatua bada, Sevillan bozkatzen du, ez Bilbon. Bilbon bizi den ertzain batek bertan ematen du botoa, ez Sevillan. Estatukidetasun bera dute biek, baina bata han erroldatuta dago, eta bestea hemen. Espainiar batek ezin du Avilan eta Segovian bozkatu. Bada salbuespenik, pertsona hori atzerrian bizi denean: Belgikan erroldatuta egon arren, Avilako herritar batek Espainian bozkatu ahal du, atzerrian dagoelako. Hortik begiratuta, PPren asmoak badu alde positiborik: Euskal Herria ez dela Espainia onartzea. Espainian erroldatuta daudenak gure atzerrian bizi direla, alegia. Exiliatuek Espainian erroldatuta segitu nahi badute, eta Euskal Herrian bozkatu, bada erdibideko konponbiderik: Iparraldean erroldatzea. Horrela atzerrian egongo lirateke erroldatuta espainiarren ikuspegitik, eta Euskal Herrian gure ikuspegitik. Denak kontent, denak huros, baldin eta, exiliatu horiek ez ezik, Iparraldean bizi diren herritar guztiek ere aukera balute EAEko hauteskundeetan bozkatzeko. Azken batean, boz horien emaitzek haiei ere eragiten diete Herri Urrats edo euskal irratientzako diru laguntzak erabakitzen direnean. Zentzuzkoena izan liteke, Madrilek arazorik ez izateko: Israelek Espainiako hauteskunde legea aldatzeko asmoen berri badu, kapaz da sefarditek Gaztela-Mantxako bozetan bozkatzeko eskatzeko. Aurreko belaunaldiak, Toledoko sinagoga eta Berlingo emakume sefardita gogoan. Vinicius Ipaneman 2012ko abuztuak 4 Hogeita bost urte zituenerako sexu harremanak 1.000 gizon-emakumerekin baino gehiagorekin izan zituen gizonak inoiz ez zuen ezer egin mutil-lagunarekin, hark aitortu zuenez. Gore Vidalek, New York Times-eko heriotza-artikuluan «idazle dotorea» deitu zutenak, bizitza mugitua izan zuen. Lan oparoa, ahots kritikoa eta pertsona probokatzailea. Horrela definitu liteke Vidal. Batzuek miretsi egiten zuten; beste batzuek, gorrotatu. Haren hitzek eta iritziek inor gutxi uzten zuten epel. «Maitasuna ez dago nire zorroan», esan zuen behin, erromantizismoa baztertuta. Zorrotz bezain hotz deskribatu zuen bere burua: «Ni agertzen naizen bezalakoxea naiz. Nire barruan ez dago pertsona bero maitagarririk. Nire kanpoalde hotzaren atzean, behin izotza apurtu eta gero, ur hotza aurkituko duzu». Gizon bihotzez hotza. Itxuraz, bikotekide berarekin bizi izan zelako 53 urtean, Howard Austen publizistarekin. Maitasun platonikoa. Gore Vidalen ustez, mutil-lagunarekin hain denbora luzean baturik segitzeko arrazoi bakarra hauxe izan zen: «Inoiz oheratu ez izana elkarrekin». Bikotekidearekin ez oheratzea ez zitzaion burutik pasatuko Vinicius de Moraesi. Poeta eta musikari brasildarrak ondo irabazia zuen seduzitzaile fama: bederatzi aldiz ezkondu zen eta hamar seme-alaba izan zituen. Halakoxea zen o branco mais preto do Brasil, Brasilgo zuri-beltzena. Aste honetan 50 urte bete dira Garota de Ipanema —Ipanemako neska — bossa novako kanta ospetsuena jende aurrean lehen aldiz jo zutenetik. Berak idatzi zituen hitzak, Tom Jobim konposatzaile eta lagunak eskatuta. Agerraldi historikoa Copacabanan egin zuten, Au Bon Gourmet izeneko klubean. Ez dago erabateko adostasunik zer egunetan izan zen zehazteko; Brasil eta Europaren arteko ordu diferentziak nahasmena sortzen du. Iturri askok abuztuaren 2an jartzen dute eguna; beste batzuek, egun bat lehenago. Abuztuaren bataren eta biaren bitarteko gauean izango zen. Vinicius eta Jobimekin batera, Joao Gilberto kantaria, Milton Banana bateria jotzailea eta Otavio Bailly kontrabaxua azaldu ziren, mundua Ipanemako hondartzarako bidean zihoan neska gazte baten aldaken «kulunka gozoaz» zorabiatzeko asmoz. Vinicius de Moraesek esan zuenez, bere asmoa neska haren edertasuna eta bizitzaren jarioaren nostalgia lotzea izan zen: «Argiz eta graziaz betea da neska, baina hura ikustea tristea ere bada, itsasorako bidean igarotzen denaren sentimendua daramalako, gurea ez den edertasuna. Bizitzaren dohaina da, haren goranzko eta beheranzko fluxu polit malenkoniatsu etengabean». Bizitzaren alde biak gogoratu zituen Viniciusek Ipaneman. Bizitzaren nostalgia tristea. Geure patuaren aurrean biluzik gaudenean, unibertsoaren esku apetatsuen menpe. Bizitzaren bizipoza. Egunsentia beste azal batean margotzen dugunean. Maskara eranzten dugunean, eta gure fatxada harroaren atzean ezkutatzen den hauskortasun samurra agertzen denean. Pasioaren intziriak gauaren bakardadea urratzen duenean. Izter beltzaranen espasmoek denbora itotzen dutenean eta balio duen erloju bakarra bihotzen taupada denean. Geroago jakin zenez, Ipanemako neska ez zihoan benetan hondartzara, enkarguak egitera baizik, baina badakigu irudimenak zenbateraino ematen duen aldaken kulunka gozoa sumatzen duenean mugimendu liluragarrian. Bizitza etengabeko jarioa baita, fluxu askoren fluxua. Batzuek, Vinicius kasu, oso esperma erromantikoa dute. Gore Vidal bezalakoek, ordea, ez. Vidal asteartean zendu zen, 86 urterekin. Haren bizitzako lehen amodioa, Jimmy Trimble, 12 urte zituenean ezagutu zuen Washingtonen, Saint Albans eskola-barnetegian. Trimble 1945ean hil zen, Iwo Jimako batailan japoniarren kontra borrokatzen. Vinicius de Moraes 1980ko uztailaren 9ko goizean itzali zen. Bezperan elkarrizketa bat egin zioten. «Heriotzaren beldur zara?, galdetu zion kazetariak. «Ez, seme, ez», erantzun zuen, «ni ez naiz heriotzaren beldur; nik bizitzaren nostalgia daukat». Zapotecak 2012ko abuztuak 11 Munduan barrena saltoka dabilen erreportari bidaiariaren joan-etorrien berri ematen du telebistako programak: leku exotikoak, hango jendearen bizimodua eta kultura, hemengo bisitarien iritziak... Kazetaria Mexikon dago, Riviera Mayako hondartza gardenetan. Handik beste leku batera egin du salto: oraingoan, kaleko merkatu bateko saltoki xumearen aurrean dugu. Saltzaileak edadeko emakumeak dira. Erreportariak zerbait galdetu dio bati, baina andreak ez du hitzik egin. Irribarrea izan da erantzun bakarra. Aldameneko batek zerbait esan dio orduan neska kazetariari. «A, ez daki espainolez hitz egiten?», galdetu du horrek, harrituta. Eta gero, kamerari begira: «Emakume honek zapotecez hitz egiten du. Zapoteca eskualde honetako dialekto bat da. Ez daki espainolez. Oso jende itxia da». Zergatik deitu dio mintzaira horri dialektoa? Zeren dialektoa? Kazetaria ez ezik, hizkuntzalaria ere bada neska? Hizkuntzalaria izanez gero, bazuen azaltzea Kolon Ameriketara iritsi aurretiko zer hizkuntzaren dialektoa den zapoteca. Alta, beste arrazoi bat izan liteke tartean zapotecari dialektoa deitzeko: inkontzienteak traizionatu egin du kazetaria, eta zenbait espainiarren espiritu kolonizatzailea azaleratu zaio. Francoren garaian katalanari eta galegoari ere dialektoak deitzen zieten mespretxuz. Zuzen zeuden, dialektoak dira katalana eta galegoa, espainola bezalakoak, latinetik eratorriak baitira. Baina zer ardura dio, dialektoa izan edo ez. Babelgo dorre mitikoan dialektoak hitz egiten ziren ala gero sortu ziren horiek, hango hizkuntza bakarretik? Era batera edo bestera, dialektoak dira egungo hizkuntza gehienak. Ingelesari eta espainolari ez, zapotecari deitu dio dialekto, mintzaira horri hizkuntza osoaren kategoria kentzeko, prestigioa. Kolonialismo kulturala. Maltzurkeria. Kolonialismo hori salatu zuen ostegunean Victor de la Cruz poeta eta itzultzaile zapotecak Hizkuntzaren Akademia Mexikarreko kidea aukeratu zuten ekitaldian —Hizkuntzaren Errege Akademia da erakunde horren parekoa Espainian—. «Onartu behar dugu kultura eta hizkuntza aniztuneko herri batean bizi garela. Batez ere, espainoldunek onartu behar dute hori, herrialdea Mendebaldeko kulturaren kanonen arabera uniformatu nahi dutelako». Kazetariak itxia deitu dio saltokiko andreari, espainolez ez dakielako. Emakume indigena zahar horri ez zioten, seguruenik, aukera txikiena ere eman eskolara joateko, are gutxiago espainola ikasteko. Inork ez zion galdetu espainola ikasi nahi zuen edo ez. Kazetari espainiarra ez dadila harritu, haren logika berari segituz, AEBetako metropoliko turistak itxiak deitzen badie Andaluziako zaharrei, horiekin hitz egiten hasi eta ingelesez ez dakitela ohartzen denean. Zer deituko die kazetariak Euskal Herrian jaio eta bizi arren euskara ikasteko batere gogorik ez duten herritar moderno unibertsalei? Itxiak? Ezjakinak? Okupazio kulturalaren armadako kideak, nahi gabekoak edo gogotsuak? Guztira, 800.000 lagun inguruk dute zapoteca lehen hizkuntzatzat. Gehienak Oaxaca aldean bizi dira. Euskaldun adina zapotec hiztun dago munduan, ia-ia. Zapotec guztiak mintzo dira zapotecez; horietako asko elebidunak dira; beste batzuk, elebakarrak. Hemen ez gara hain itxiak; hemen ia den-denok gara elebidunak. Irekiak gara euskaldunok, irekiegiak. Geure buruko eta bihotzeko irekitasuna hizkuntzarekiko hain da handia, ezen tontotasunaren mugaraino iristen den: Donostia erdiko saltoki gune bateko jatetxean kartelak dituzte jarriak, menuak ingelesez eta frantsesez badituztela jakinarazteko. Euskarazko menurik, ez; euskaraz egin eta ulertu, ez. Hala ere, beteta egoten da asteburuetan. Bezero euskaldun gehiago ditu bezero ingeles edo frantses baino. Halakoxeak gara, ba, hizkuntzaren arloan: zapotec bat baino irekiagoak; zipote bat zipoteka baino baldarragoak. Joanen hitz bakarra 2012ko irailak 15 Azken turistak eta inguruko herritarrak eguzkitan daude. Irratia dance musika hedatzen ari da, tartekako publizitate etenekin: «Katalunia, Europako estatu berria», «independentzia askatasuna da». Dena prest dago Kataluniako Festa Nazionaleko manifestaziorako. Hondartzaren ondoko hotel bateko bozgorailuak ezkontza zibil baten zeharkako lekuko bihurtu ditu udatiarrak. Emaztegaiaren lagun batek hartu du hitza, ohiko hitzalditxoan bikotearen harremana deskribatzeko: «Eta Joanek, bai, hitz bakar batekin maitemindu zuen…». Kataluniako Asanblea Nazionalaren ekitaldiak arrakasta izugarria izan du eta politika mundua astindu du, bertan eta Espainian. Asteartean Bartzelonan Kataluniaren independentziaren alde egindako manifestazioak marka guztiak hautsi ditu. Milioi eta erdi edo bi milioi lagun, berdin dio: gizarte katalanak borondate garbia erakutsi du burujabetza politikoaren alde egiteko. Hamaika arrazoi argudiatu ahal dira katalanen erantzuna azaltzeko. Denetarik egongo da, baina hau ukaezina dugu: milioi bat lagunek baino gehiagok parte hartu dutela Kataluniaren independentziaren alde antolatutako manifestazioan. Horri garrantzia kentzen saiatzea eta manifestazioa independentista ez zela esatea itsukeria da. Edo oportunismoz jokatzea. Horixe egin du Josep Antoni Duran i Lleidak, Unio Democratica de Catalunyako buruak. Independentista ez denez eta, azkenean, gurdira igotzea erabaki duenez, izaera independentista kendu nahi izan dio martxari: «Manifestazioa jadanik ez da independentista». Bere presentzia hutsak manifestazioaren helburua eta leloak aldarazteko balio balu bezala. Duran i Lleida, nonbait, leku eta une zuzenetan egon zen asteartean. Harekin batera Bartzelonako kaleetan ibilitako milioitik gora lagunak, aldiz, oker zeuden; ez zekiten non zeuden ere. Tontoak dira, antza. Hara zer gerta daitekeen politikako patrizio batek Madrilgo Ritz hotela izaten duenean ostatu: errealitatearen zentzua galtzen du, eta besteen gainetik dagoela pentsatu. PSCkoak, aldiz, Duran i Lleida baino umilago eta zuhurrago aritu dira. PSCko lehen idazkari Pere Navarrok alderdiko sektore katalanistaren aurka egindako barne aldaketek ez dute eragotzi sozialista batzuek manifestazioarekin bat egitea. Mobilizazioa «soilik independentista» ez zela esan dute parte hartzea defendatzeko. Joaquim Nadalek independentziarako arrazoiak badaudela adierazi du El Punt-Avui egunkariari eskainitako elkarrizketan, nahiz bide orria argi ikusten ez duen. PSCko talde parlamentarioko buru berri Xavier Sabatek —teorian sektore ez katalanistakoa, oposizioko buruaren postuan Nadal katalanista ordezkatu duena— Kataluniaren independentziari buruzko erreferenduma egiteko eskatu du. Sabate federalista da, eta ez dirudi independentziaren alde egingo lukeenik, baina bozkatzeko eskatzea nahikoa da Kataluniako sozialisten eta hemengoen arteko aldea nabarmentzeko. Toni Batistak pasadizo esanguratsua kontatzen du PSE-EEko kideei buruz. 1999ko ekainaren 11n Donostiara etorri zen kazetari katalana, udal hauteskundeen kanpainaren bukaerari buruz idazteko. Egun hartan Odon Elorzaren aldeko afari batean izan zen, Maria Cristina hotelean. Pasqual Maragall zen kanpaina amaierako ekitaldiko izarra. Halako batean PSE-EEko orduko idazkari probintzialak —«ustez baskista», Batistaren hitzetan— hauxe galdetu zion Maragalli: «Aizu, eta erreferendum bat egiten badugu eta independentziak irabazten badu, zer egin beharko dugu?». Handik lau urtera Generalitateko presidentea izango zenak zirkinik egin gabe erantzun zion: «Ba, emaitza onartu». Zeremonia amaitu da, baina bozgorailuak ez du misterioa argitu: inork ez du jakin Joanek zein hitz bakarrekin maitemindu zuen orduko neska, gaurko emaztegaia, oraingo emaztea. Ez gonbidatuek, ez udako azken eguzkiaren zaleek. Arnaldoren liburua 2012ko irailak 22 Euskal mendizaleak lehenengo aldiz Everestera igo zirenean, munduko mendi altuenaren konkistari buruzko liburua idatzi zuen Felipe Uriartek, espedizio hartako kideak. Liburuaren jatorrizko bertsioa espainolez sortua zen, baina mendizaleek Joxean Artzerekin hitz egin zuten lana euskaratu eta Euskal Herriko berezko hizkuntzan kaleratzeko lehendabizi. Esan eta egin. Artzeren itzulpena Buru ilhun lurruntsua: euskaldunak Everest mendian izenaz heldu zen liburu-dendetara, 1981. urtean. Euskaraz. Espainolezko bertsioa handik hiru hilabetera edo argitaratu zuten. Euskaldunok Himalaian bizitako epopeiaren berri izan nahi zuen jendea irakurtzeko irrikaz zegoen, eta liburua erosi zuen. Euskaraz ozta-ozta moldatzen zenik ere izan zen erosle horien artean. Ezin hiru hilabete itxaron erdaraz irakurtzeko. Mendizaleen adibidea aipatu dit lagun batek Arnaldo Otegirekin egindako elkarrizketa liburuaren harira. El tiempo de las luces liburua ostiralean, hilak 28, kaleratuko da. Euskarazko bertsioa azaroan argitaratuko dute. Bata, hauteskundeen aurretik; bestea, Durangoko Azokaren bezperan. Kasualitatea ote? Mendizaleek erabaki irmoa hartu zuten euskararen alde egiteko duela 31 urte. Modu eredugarrian jokatu zuten. Hiru hamarkada geroago gure politikariek badute norengandik ikasi. Gipuzkoako herri euskaldun bateko Eroski Centerrera erostera joaten naizenean bozgorailuak errealitatearen berri ematen dit astero: «Señores clientes, aprovechen la oportunidad: hoy, comprando una botella de aceite de oliva, pueden llevarse otra a mitad de precio». Jarraian mezu bera euskaraz entzuten dudanean hauxe galdetzen diot neure buruari: zergatik ez dute lehenago euskaraz esaten eta gero erdaraz? Zergatik euskaldunok bigarren lekuan beti, atzean? Berdin sentitu dut Otegiren liburuaren inguruan. Pena, amorrua. Gero besteak dira —espainolak edo frantsesak— euskara baztertzen dutenak. Gero kexatu egingo gara euskara ez dakit non ofiziala ez delako. Besteei eskatu, bai, guk geuk betetzen ez duguna. Jakina da kartzelan egoteak ez duela errazten halako liburu bat ateratzea. Egoera zail horrek arazoak baino ez ditu ekartzen, baina horrek ez du justifikatzen lana erdaraz kaleratzea. Beste arlo batzuetan hainbestetan aipatzen den benetako borondate politikoa euskararen arloan ere izan balitz, modua bilatuko zuten liburu hori euskaraz argitaratzeko lehenik. Edo, besterik ez bada ere, bi (edo hiru) hizkuntzatan, leku, egun eta ordu berean. Harrigarria da 2012an, Euskal Herrian ilusio politikoa hedatzen ari den aroan, ezker abertzaleak kasu honetan hizkuntza praxi politikoaren ardatzean jarri ez izana. Zertarako bultzatu gero Zatoz euskaltegira bezalako kanpainak, praktikan bigarren mailako komunikazio tresnatzat jotzen badugu euskara? Euskara «ohiko eta lehentasunezko hizkuntza» izatea du helburu EH Bildu koalizioak, baina ezker abertzaleak, Otegiren liburuaren kasuan, ez dio lehentasunik eman euskarari. Ezker abertzaleak jakingo du zergatik behartu nahi gaituen Otegiren iritziak interesgarritzat jotzen ditugun euskaldunok erdaraz irakurtzera, zergatik jo gaituen bigarren mailako herritartzat. Euskaldunok bi hilabete pasatu beharko ditugu Otegiren hitzak euskaraz irakurtzeko ala orain erosi beharko dugu liburua, bizitzen ari garen momentu politikoaren gakoak erdaraz ulertzeko? Durangon ere erosi beharko dugu liburua, euskararen aldeko militantziaren izenean? Ezker abertzaleak jakingo du zergatik argitaratuko duen liburua erdaraz; Otegik jakingo du, espetxeko egoerak ezertan ere laguntzen ez duela aitortuta ere, zergatik onartu duen hori hala izatea. El tiempo de las luces liburuak datorren astean ikusiko du argia. Argien garaia, baina, oraindik ez zaio iritsi euskarari. Euskarak ilunpetan segitzen du. Hura maite eta urteetan lan eskerga egin dutenek halako kasuetan bazterrean uzten badute, zer espero dezakegu besteengandik? Oprah Alderdi Egunean 2012ko irailak 29 Espainiarekin ezkonduta segitu? Bai ala ez? Gaur ez, bihar bai; gaur bai, bihar ez. Halaxe dabil EAJk urriaren 21eko bozetarako aurkeztutako lehendakarigaia: egun batean, «más estado vasco en Europa» agintzen du, hau da, euskal estatuak Europan leku handiagoa izatea; biharamunean, ordea, ez du Espainiatik dibortziatu nahi. Aste honetan, bi helburu kontrajarri horiek aipatu ditu Iñigo Urkulluk. Euskal estatuak Europan leku eta eragin handiagoa izan beharra aldarrikatu du. Euskal estatua? Urkulluk jauzi itzela egin du trapezioan, logikaren oinarri eta ekuazio guztien gainetik. Nola izango du «euskal estatuak» leku handiagoa Europan, oraindik euskal estaturik ez bada? Lehenengo eta behin, euskal estatu hori lortu beharko litzateke, eta gero gerokoak: estatu horren boterea —gero eta txikiagoa, egia da— Europako beste botere gero eta txikiagoekin eguneroko jardunean berdintasunean kudeatu. Baina Urkulluk gerokoak aipatzen ditu, geroa oraindik egin gabe dugun arren. Joan etxe dekoratzaile batengana eta esaiozu zeure etxea dotore apaindu nahi duzula, albokoaren etxea bezain dirdiratsua eta erakargarria izan dadin. Etxea erakusteko eskatuko dizu, baina zuk etxerik ez duzula erantzutean, denbora ez galarazteko esango dizu; etxea ez dela teilatutik egiten. Dekoratzaileak berdin esango lioke Urkulluri: «Lehenik etxea egin, eta gero etorri. Bitartean, ideiak nahi badituzu, hementxe dituzu aldizkari batzuk etxe barruko diseinu modernoenak aukeratzeko: Marie Claire, Vogue, Better Homes & Gardens Magazine, Cosmopolitan, O The Oprah Magazine...». Eta aldizkariak prestatuko lizkioke, etxea izan arte amesteko. Euskal estatuarena igandean bota zuen Urkulluk. Handik bi egunera dibortzioa baztertu zuen EAJko buruak: Espainiarekin ezkonduta segitu nahi du. Badirudi jeltzaleak Jainkoaren legeari segitu nahi diola, Euskal Herria elizaz ezkonduta dagoela Espainiarekin, eta beldur dela, dibortziatuz gero, eskumikatuko ote gaituzten. Edo aldizkariei begiratu eta ez duela gustuko ideiarik aurkitu. Urkulluk ez du dibortziatu nahi; bizikidetza eskatzen dio Espainiari. Hark badaki zer-nolako errespetua, begirunea eta bizikidetza eskaintzen dizkien Espainiak, behin eta berriro, bere ezkontideei, haien askatasun nahiei eta aldarrikapen nazionalei. Hala ere, ez du etsi nahi. Ematen du tratu txarrak jasaten dituzten zenbait emakumeren moduan jokatzen ari dela Urkullu. Jipoiak, burlak, mehatxuak jasan eta jasan, baina ez dute gizona utzi nahi, hamaika arrazoirengatik: «ezin» direlako hura gabe bizi; noizbait gizona aldatuko den esperantza hutsalari eusten diotelako; haren erreakzioaren beldur direlako; baliabide ekonomikorik ez dutelako bakarrean aurrera egiteko... Erabakia hartzea ez da batere erraza harremanean ustez ahulena denarentzat, baina momentu bat heltzen da, zirt edo zart egitea beharrezkoa izaten dena. Badirudi momentu hori ez zaiola oraindik iritsi EAJri. Bizikidetza berdintasunean lortzeko hamaikagarren saioa egin nahi du, baina horrek hamaikagarrenez porrot egin eta gero, zer proposatuko du? Lehen, ETA zen; orain, krisi ekonomikoa. Inoiz ez da une egokia dibortziatzeko, kolpeak eta kolpeak jaso arren. Krisiarena amaitzen denean, zer aitzakia bilatuko du EAJk? Euskal estatua izateko edo Espainiatik ez dibortziatzeko arrazoiak zeintzuk diren argitu beharko lieke Urkulluk herritarrei. Baina lehenago bata ala bestea aukeratu, ez baitago dibortziorik gabeko euskal estaturik. «Euskal estatuak Europan leku handiagoa izatea» nahi badu, EAJ garaiz dago bide orria egiteko, 2015ean, estatutu berria barik, estatu berriaren lehen oinarriak ezartzeko. Hori erabakitzen badu, hiru urte barru Oprah Winfrey gonbida dezala Alderdi Egunera, etxe berriaren diseinu eta dekorazioa aukeratzen laguntzeko. Ez da bide hoberik izango nazioartearen onarpena lortzen hasteko: Oprah, txapela jantzita, marmitakoa jaten Forondan. Inkestak 2012ko urriak 6 Eskuko telefonoak artean fantasia zirenean telefono finko batera deitu nuen etxetik. Beste aldetik arnasestuka erantzun zidaten. Hizketan hasi eta ahotsa lasaitzen ez zela ohartuta, zer gertatzen zitzaion galdetu nion emakumeari. «Ñaka-ñakan ari ginen deitu diguzunean», erantzun zuen. Aitorpenetik ateratako bi ondorio. Lehena: hark gustukoa zuela siestan sexu harremanak izatea. Bigarrena: telefonoak jotzen bazuen, kapaza zela pertsonen artean denik eta kontaktu pertsonal eta estuena hausteko. Hiru hamarkada geroago, joera horiek ez dira aldatu. Vodafonek Erresuma Batuan egindako inkestaren emaitzek horixe frogatu dute. Telefono konpainiaren datuen arabera, hiru gizonetik batek (%36k) sakelakoaren deia erantzuten du larrutan egiten duen bitartean. Telefono kontuan britainiarrek ez omen dute atsedenik hartzen jarduten dutenean. Komunean deiak erantzuten dituztenen portzentajea handiagoa da: bertan egonez gero, %62k telefonoari erantzungo lieke inolako erreparorik gabe. Komuneko telefono hizketaldien kasua ederki islatzen da Jet Lag filmean. Juliette Binochek hartu behar duen hegazkinaren irteera atzeratu egin da, eta emakumea zain dago aireportuan. Komunera joan da, eta dei bat jaso du. Tronuan eserita dago, eta hortxe hasi da kontu kontari. Jaiki, eta hizketan segitu du, telefonoa sandwich bat eginda lepoaren eta belarriaren artean, kuleroak igotzen ari den bitartean. Baina Binoche ez da malabarista ona, eta sakelakoa komun barrura erori zaio. Ondorioz, telefonoa eskatu behar izan dio Jean Reno gizon ezezagunari, deiak egiteko. Reno ere hegazkinaren zain dago... Komunetik kanpo ez ezik, barrutik ere SMSak bidaltzearen arrazoia azaldu zuen uztailean The New York Times egunkariak. Adituek artikuluan esan zutenez, teknologia berriak erabiltzeak plazerra sortzen du. Dopamina nahi dugu, ongizatearen sentsazioa. Horrek menpekotasuna dakar, edozein drogak bezala. Izan ere, sariaren ibilbidea sortzen du dopaminak, eta guk sari hori nahi dugu. Sakelako telefonoek geure buruari eragiten diotela uste du Jean-Philippe Lachaux neurozientzietako ikertzaileak. Le Figaro egunkarian idatzi duenez, smartphone-ek orain arte ezagutu ez dituen egoeretan jartzen dute garuna. Lachauxen arabera, hainbat euskarri eta modutan heldutako informazio jarioa handia da oso eta, azkenean, smartphone-ek arreta defizita sortzen dute: gure batez besteko arreta denbora 12 minututik 5 segundora jaitsi da azken hamar urteotan. Arreta eskasa; errespetua eskasagoa. Nola definitu, bestela, eskuko telefonoaren soinuari kasu egitea erlazio sexualak ditugun bitartean? Joera areagotu egin da eskuko telefonoekin, baina ez da oraingoa. Ezaguna da txiste zaharra: senar-emazteak ohean, gauaren erdian. Telefonoak jo du. Andrea kolpetik altxatu da. «Ez hartu, ez hartu», esan du gizonak. Baietz emazteak. «Baina niretzat bada, esan ez nagoela hemen», eskatu dio senarrak, etsita. Emakumeak telefonoa erantzun du. «Bai, hemen dago». «Nola...? Hemen nagoela esan diozu, tuntun horrek?», gizonak, bere onetik aterata. «Niretzat zen», erantzun du emakumeak. Ohean, hobe telefonoa ahaztea. Zer esanik ez, konpainian egonez gero. Komunetik SMSak bidaltzea edo ez, higiene kontua da. Baina kontuz ibiliz gero, ez da larrutaldian telefonoa erantzutea bezain arriskutsua. Nahikoa da besteari ez esatea mezuak nondik bidaltzen dizkiozun. Gainera, sorpresatxoren bat izan daiteke. Binochek telefonoa komunean behera galdu ondoren ezagutu du Reno, filmean zortzi hilabete haragi freskoa dastatu gabe dagoena. Horixe erantzun du gizonak emakumeak galdetu dionean atzamarrak telefonoko teklak baino leku samurragorik ukitzeko erabili ote dituen azkenaldian. Binochek gizonaren telefonoari begiratu dio, baina ez da ausartu galdetzera ohean deirik erantzuten duen. Reno ez da britainiarra, eta zalantzaren onura eman dio. Cuenca espainiartzen 2012ko urriak 13 Ondorengotza gerra irabazi eta gero, Filipe V.a Borboikoak Decretos de Nueva Planta izeneko legeak ezarri zituen. Lege horien artean Katalunian espainiera inposatzeko araua zegoen. Horren ondorioz, katalanak administrazio publikoko hizkuntza izateari utzi zion. Geroztik, gaztelera derrigorrezkoa izango zen eskoletan eta epaitegietan. Katalana leku publikoetatik ezabatzeko, Vivancoko abadeak, Gaztelako Kontseiluko idazkariak, isileko argibideak eman zizkien Kataluniako korrejidoreei: «Ahalegin handienak egingo dira Gaztelako hizkuntza sartzeko, erabaki eztitu eta disimulatuen bidez, helburua lortzeko ahaleginak nabaritu gabe». Gomendioa argia zen: gaztelera, aukeran, modu gozoan inposatzea, inor ez konturatzeko moduan. Katalanak espainiartu nahi zituen Vivancoko abadeak, eta espainiera inposatu zuen horretarako. Hala ere, badirudi ez zuela helburua lortu. Kataluniako umeak espainiartu beharra omen dago oraindik. Espainiako gobernuak ikasle katalanak «espainiartu» egin nahi dituela adierazi du Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek, horrela Kataluniako ume eta gazteak «harro» egon daitezen katalanak eta espainolak izateaz. Esplizitoki soilik Kataluniako ikasleak aipatu baditu ere, Euskal Herriko eta Galiziako ikasleak ere izango zituen gogoan Wertek. Ministroak, ordea, ez du azaldu Cuencako edo Toledoko umeak espainiartzeko asmorik ote duen. Halakorik ez du esango,ez horixe. Izan ere, Espainiak ez ditu ume horiek espainiartu behar. Umeak espainiarrak dira. Francoren garaiko espiritu nazionalaren kutsua darie Werten adierazpenei. Eta inpotentzia: Kataluniari buruz esan duenak argi uzten du Espainiaren porrota, Espainiaren inpotentzia, bere mugen barruko lurraldean bizi diren nazioak eta herritarrak espainiartzeko. Madrilgo, Kataluniako eta Euskal Herriko unionistek behin eta berriro aipatzen dute «nazionalismoen porrota», katalanek edo euskaldunek eraikuntza nazionalaren alde egiten dituzten saio guztiak arbuiatzeko. Porrota, ordea, haien nazionalismoarena da. Ministroak, gobernuak eta Espainia handi hartaz amets egiten duten guztiek hauxe galdetu beharko liokete euren buruari: zer egin duten txarto ikasle katalan eta euskaldun askok euren burua espainiartzat ez jotzeko, edo espainiarrak ez sentitzeko beraiek nahi luketen moduan? Porrot handiena nazionalista katalanak —edo euskaldunak— ez diren nazionalisten porrota dugu. Nazionalismoaren porrot handiena Espainiarena izan da: mendeak pasatu dira batasuna ezpataz eta odolez inposatu zuenetik eta Espainiak ez du lortu bere menpeko herritar guztiak proiektu espainiarrarekin identifikatzea. Espainiak lurralde batasuna lortu du, baina ezin izan du denbora luze horretan batasun afektiboa lortu. Espainiak neurri guztiak izan ditu eskura: legea, inposizioa, indarra, politika sozial eta ekonomikoak, hezkuntza sistema … baina ez du lortu periferiako herritarrak guztiz espainiartzea. Norena da porrota? Legea eta indarra eskuetan izan arren, espainiartze hori ezartzea lortu ez dutenena ala azken mendeetan —Euskal Herrian 1512tik— ahal izan duten moduan oraindik bizirik irautea lortu dutenena? Vivancoko abadearen garaietatik 300 urte pasatu dira, baina Madrilek ez ditu Katalunia eta Euskal Herria guztiz espainiartu. Felipe V.a Espainiakoak agindu eta hiru mendera Borboikoak ez dira oso maitatuak erresumako paraje guztietan. Espainiak, badaezpada ere, kode penala aldatu du eta biziarteko kartzela zigorra ezarri du magnizidio kasuetan. Disuasio-neurri honek fruituak eman ditu, antza: katalan batzuek Espainiako erregearen karikatura bati tiro egitearekin konformatu beharko dute. Horretan agertu dira aste honetan Kataluniako telebista publikoko programa batean. Beraz, Felipe VI.a Borboikoa izango da hurrengo Espainiako erregea. Ezusterik ez badago, noski. Emmanuelle 2012ko urriak 20 Erresuma Batua Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zenean, Francoren diktadurako 34. urtean zegoen Espainia. Urte hartan, petrolioaren salmenta eten zieten estatu arabiarrek AEBei eta Europa Mendebaldeko estatuei, haiek Yom Kippur Gerran Israelen alde egiteagatik. Lehen petrolio krisia ekarri zuen erabakiak eta, horrekin batera, Mendebaldeko ongizate gizartearen gainbehera. Urte hartan, hilabete batzuk geroago, ETAk Luis Carrero Blanco hil zuen, diktadorearen oinordekoa. Espainia artean diktadura zen urte hartatik izan da Eskozia Europako erakundeetan. Eskozia, baina, independentea izan liteke bi urte barru. Aste honetan Edinburgok eta Londresek akordioa sinatu dute bertako herritarrek independentziari buruz erabakitzeko aukera izan dezaten. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak asteartean esan zuenez, hark ez du nahi Erresuma Batua zatitu: «Erresuma Batuari eutsi zion lehen ministroa izan nahi dut». Espainiar askori kontraesankorra irudituko zaie Cameronen jarrera: ezin ulertu Erresuma Batuari eutsi nahi eta eskoziarrei bereizteko aukera ematea. Batasunaren dogma dute ikur, Erdi Aroko gerretan errotua. Trueno kapitainaren komikietan segitzen dute, Santiago y cierra España leloa ahoan. Ez dakite herrien nahiak errespetatuz gero errazago lor daitezkeela denen arteko akordioak. Politikaren cromagnonak dira. Erresuma Batuan subiranotasuna herri britainiarrean datza, eta soilik Londresek du erreferendumak egiteko eskubidea. Hala ere, Cameronek Eskoziaren esku utzi du ahalmen hori behin-behinekoan, eskoziarrek erabakitzeko eskubidea izan dezaten. Ez du mehatxurik egin haien aurka. Bestalde, Londresko herritar askok Erresuma Batuko zatitzat sentitzen dute Eskozia, baina ez dira kalera atera bandera britainiarrak eskuan. Ez dute Eskoziako gizartea bahitu nahi. Espainian bestelakoa da kontua. Madrilgo egunkari batek argitaratu duenez, hamar espainiarretik bat baino ez dago autodeterminazio eskubidearen alde. Espainiako herritar guztiak autodeterminazioaren aldekoak izan arte zain egon beharko dugu geure nahia mehatxurik gabe gauzatu ahal izateko? Eskoziako erreferenduma egiten denean, nekez argudiatuko du Espainiak Europan halako bozketek ez dutela lekurik. Are zailago izango du independentzia nagusituz gero. Eskoziako gobernuburu Alex Salmondek esan du ez duela onartuko Eskozia independentea EBtik kanpo geratzea, bertan 40 urte egon eta gero. Teorian hala dela badirudi ere, ez dago guztiz argi EBko estatu kide batetik sortutako estatu berri bat automatikoki Batasunetik kanpo geratzen ote den. Bestela, Espainiak ez zion Bruselari eskatuko hori berehala argitzeko, Kataluniaren erronka gogoan. Esanguratsua da borroka armatua izan den bitartean Madrilek ez diola inoiz eskatu EBri halakorik azaltzeko. Nahikoa izan du edozein asmo independentistari terrorista deitzearekin. Gizarte oso bat mugitzen hasi denean, ordea, argibideak eskatzen hasi da, kezkatuta. Eskozian independentzia nagusituko balitz, Espainiak ez luke irtenbide errazik izango. Kosovoren independentzia ez onartzea gauza bat da, baina Europa demokratikoaren muinean egindako bozketa baten emaitza arbuiatzea, beste bat. Nazioarteko komunitateak ez luke ulertuko, eta Espainia ipurdia agerian geratuko litzateke. Eta behin independentzia onartuta, zer esango luke Madrilek Eskozia EBn berriro sartzearen aurka? Espainia zuzenean aipatu ez bazuen ere, Salmondek mezua bidali zuen duela gutxi. Hark adierazi zuenez, ez du onartuko EBren barruan Eskoziak baino denbora laburragoa daramatenek baldintzatzea bere herrialdearen etorkizuna. Eskozia, Salmondek esana, 1973tik dagoelako EBn. 1973a: Espainian artean diktadura politikoa zegoen urtea. 1973a: petrolioaren krisia piztu zen urtea. 1973a: Sylvia Kristelek, 21 urteko holandarrak, Miss TV Europa saria irabazi zuen urtea. Barcinaren aitona 2012ko urriak 27 Yo ya no soy vasca, pero mi abuelo sí que era vasco.¡Hablaba un vasco más cantarín!». Hitz horiekin, eta penaz, mintzatu zitzaigun behin, Eugin, lagun nafar baten ama, euskaraz ez zekiela azaltzean. Andreak Esteribarko Ibarrekoak zituen arbaso guztiak; abizenak ere euskaldunak eta, hala ere, no vasca-tzat jotzen zuen bere burua. Ez zekien euskaraz, ez zen euskalduna, ergo ez zen vasca. Emakume hura ez zen bereziki abertzalea, baina modu naturalean eusten zion antzinako euskaldunen hizkuntz komunitatearen kontzeptuari: argi zuen euskararik gabe ez zela vasca. Haren ustez, vasco izatea euskalduna izatea zen, hizkuntzaren jabe izatea. Gutako askoren ustez, guztiz ilogikoa da hori: haren aitona-amonak vascos baldin baziren, eta gurasoak ere Esteribarkoak bazituen, zergatik ez zen izango bera, ba, vasca? Jadanik euskalduna ez zelako. Haren ustez, ilogikoa gurea izango zen: batek bere buruari vasco deitzea, euskaraz jakin gabe, hau, da euskalduna izan gabe. Euskaradunak eta beste neologismo horiek geroko belaunaldiek asmatuko genituen, gizabanakoaren arloan euskalduna eta vasco hitzak berdindu genituenean, hizkuntzaren eremuan. Galdera honi erantzun beharrean izan ginenean: orduan denak bagara euskaldunak —baita euskal herritar erdaldunak ere—, nola deituko diegu, ba, euskaraz dakitenei? Eta baten bati zorioneko hitza bururatu zitzaion: euskaradunak. Ez zuen ezer berririk aurkitu, euskaradunak euskara dutenak baitira. Euskaldunak, azken batean. Ez zuen ezer berririk aurkitu, baina egungo joera egiten lagundu zuen: gaur euskaraz ez dakien euskal herritar batek «yo soy euskaldún» esan dezake lasai asko. Mutur batetik beste batera pasatu gara. Emakume nafar haren arabera, euskaraz ez zekiena ez zen vasco. Orain, gero eta lagun gehiagoren ustez, pertsona bat euskaraz jakin gabe ere da euskalduna. Nafarroan, onerako edo txarrerako, inon baino hobeto lotu zaio euskalduntasunaren kontzeptua hizkuntzaren ezagutzari. Eugiko andre hura dugu adibide. Gure EAE euskotarrean beste era batera estali izan ditugu geure gabeziak: «Yo no, pero mi aitite sí que sabía euskera, lo que pasa es que lo perdió cuando vino del baserri a Bilbao, con tanto maketo al lao». Nafarroan inon baino argiago ikusi da hizkuntza desagertzeak herri baten nortasunari egiten dion kaltea, eta hori erabili dute espainiartzeko. Ekuazioa argia da: euskara ezabatu eta euskaldun edo vasco-en komunitateko kidea izatearen sentimendua ere joango da. Mendeetako politika izan da Nafarroan. Egun bere horretan dirau politika horrek. Aste honetan euskara, lingua navarrorum hura, sustatu egin behar duela gogorarazi behar izan diote Nafarroako Gobernuari Europatik. Berriro. Nafarroako euskaldunen eskubideak errespetatu, eguneroko bizitzaren arlo guztietan. Zenbait nafar espainol eskuindarrek, hala ere, kasurik ez. Haientzat, jasan beharreko anomalia da euskara, eta euskaldunak, herritar negarti nekagarriak, beti kexatzen ari direnak: «Ya no les clavamos el compás en la lengua cuando hablan vascuence en la escuela, y encima se quejan...». Bai, beste garai batean bizi gara: ez gaude 70eko hamarkadan eta Urdiaingo umeak hobeto moldatzen dira orain erdaraz. Eta ez EITBri esker, prezisamente... Europari erantzunez, Barcina andereak atzo bertan esan zuen Euskal Telebista Nafarroan ikusi ahal izateak dakarren kostua Eusko Jaurlaritzak ordaindu behar duela. Eta Euskalerria irratia lizentziarik gabe egotea ez dela ilegala. Zer da legezkoa? Zugarramurdiko kobazuloetako azken bazterretan Radio Maria Euskalerria irratia baino hobeto entzutea legezkoa izango da, haien ustez. Morala ere badela pentsatuko du batek baino gehiagok: hobe antzinako akelarretan lizunkerian jarduten zuten basapiztien ondorengoen belarriak moral katoliko estuenaren dotrinaz zapaltzea, haien arbasoen mintzairaren soinuaz gozatzea baino. Zer hizkuntzatan kantatzen zuen Barcinaren aitonak? Obama zuria balitz 2012ko azaroak 3 Aulkian eserita dago gaztea; haren ondoan, zutik, aurkezlea. Aitorrek neska-laguna, haren koinata eta anaia ditu aurrean. Telebistako lehiaketako galderak inozoak dira hasieran, baina, denbora aurrera joan ahala, gero eta kontu intimoagoak azaleratzen dituzte. Aitorren erantzunek lagun eta senideen arteko harremanei kalte egin diezaiekete, baina horrek ez dio ardura. Saria dago tartean, dirua. Horixe da garrantzitsuena. Galderak eta erantzunak Aitorren soslai psikologikoa marrazten hasi dira: gaztea oraindik mintzen da eskolan esaten zizkioten ezizenak gogoratzen dituenean; lotsatu egiten da preserbatiboak erostera doanean... Galderak gero eta zorrotzagoak dira, eta parte hartzailearen barrena biluzten dute. Esaterako: zure neska-lagunari buruz duzun iritzia txartu egingo litzateke jakingo bazenu hark beste maitale edo ohaiderik izan duela? Bai, Aitorrek txarto hartuko luke hori. Betiko kontua: gizona hamaika emakumerekin oheratzen da eta Giacomo Casanova da. Emakumeak beste horrenbeste egin, eta akabo kopla. Estigmatizatuta. Gizon horrek ezin du onartu orain berarekin dagoen emakumeak hark adina maitale izan dituela. Beste gizon batekin berarekin baino gehiago gozatu duela pentsatzeak berak sumindu egiten du. Manzanitari jeloskorra ote zen galdetu zioten behin. Kantautore flamenkoaren erantzuna: «Batzuetan amets egiten dut andreak engainatu egiten nauela; gauaren erdian esnatzen naiz, sutan, eta ohean bertan jipoitzen dut». Verde, que te quiero verde ... Ez da hor amaitu galdera sorta. Aitor ondo erantzuten ari da, eta lehiaketako bigarren fasera pasatu da. Uste duzu emakume zuriak emakume beltzak baino azkarragoak, buruargiagoak direla? Gazteak apur bat pentsatu du, isilik, eta serio erantzun: bai. Erantzuna iraingarria da emakume beltzentzat. Galdera are iraingarriagoa da, emakume guztiak jotzen dituelako; arrazista eta matxista delako —bi termino horiek gehienetan lotuta datoz, ezinbestean—. Aurkezleak ez dio galdetu zuriak —orokorrean, gizon zein emakume—— beltzak baino argiagoak diren. Duda hori gizonezkoen arloan egiteak ez luke oinarririk. Emakumeei buruz, ordea, badago galdetzea. Emakume zuriak emakume beltzak baino argiagoak dira? Zer uste du Aitorrek? Baietz. Ikusteko dago gazteak zer erantzungo zion gizon zuriak gizon beltzak baino argiagoak ote diren galderari. Edo emakume zuriak gizon beltzak baino azkarragoak ote diren. Zurien nagusitasuna soilik emakumeen artean gertatzen dela uste du Aitorrek ala gizon zuriak gizon beltzak baino argiagoak direla ere pentsatzen du? XXI. mendean halako pentsaera arrazista izango du parte hartzaileak? Ku Klux Klanen posterra du etxean, zuri supremazisten aldeko apologia egiteko? Sexurako gizon beltzak beste arraza batekoak baino «hobeto hornituta» dauden galdetu diote Aitorri. Bai. Eta emakume beltzak zuriak baino «hobeto hornituta» daude? Ez diote halakorik galdetu. Nolakoa da emakume beltzen fisiologia? Emakume zuriek baino klitori askoz handiagoa dute? Gai dira plazer handiagoa hartzeko eta emateko? Asko hitz egiten da beltzen zakil erraldoiei buruz, baina beltzen klitori erraldoiei buruz? Ein? Zerbait esan zuen horretaz Hitek? Eta Kinseyk? Ez dakigu ezer emakume beltzez. Gizon beltzek, behintzat, larrutan egiteko balio dute; emakumeek, ezta horretarako ere. Aitor estatubatuarra balitz, agian botoa emango lioke Obama gizon beltzari, baina ez Michelle LaVaughn Robinson Obama emakume beltzari. Hura zuria balitz, agian bai; baina beltza da. Eta emakumea. AEBetan milioika emakume daude, hura baino askoz azkarragoak, denak zuriak. Eta beltzen artean, baliteke Obama anderea azkarrena ez izatea. Baina Aitor ez da estatubatuarra, eta ezin izango du asteartean AEBetako bozetan parte hartu. Aitor Euskal Herrian jaio zen, baina orain Bartzelonan bizi da. Beltza da. Patuak 2012ko azaroak 10 Duela hogei urte, AEBetako lehendakaria aukeratzeko hauteskundeetan, Arkansasko gobernadorea izandako politikari bat izan zuen aurrez aurre George Bush presidenteak, Azoreetako argazkiaren bultzatzaile nagusiaren aitak. Kanpaina bitartean, Bush aitak aurkariaren kontra erabilitako argudioetako bat hauxe izan zen: aurkaria familia desegituratu batean hazitakoa zen eta, horren ondorioz, ez zen gai AEBetako presidentea izateko. «Zer espero daiteke halako pertsona batengandik?», iradoki zuen. Bozak, baina, hautagai demokratak irabazi zituen. Presidente hark zortzi urte eman zituen agintean. Egun, Bill Clinton dugu maitatuena bizirik dauden AEBetako lehendakari ohien artean. Familia desegituratutako bateko semea Bush aita-semeak baino gogokoagoa dute estatubatuarrek. Clinton, berez, Willian Jefferson Blythe izenaz jaio zen. Aita bera jaio baino hiru hilabete lehenago hil zen auto istripuz. Amak aitona-amonen eskuetan utzi zuen umea, Arkansasen, eta erizaintza ikastera joan zen New Orleansera. Handik bost urtera herrira itzuli eta Roger Clintonekin ezkondu zen. Harekin seme bat izan zuen, Bill Clintonen haurriderdia. Clintonek aitaordearen abizena hartu zuen 15 urte zituenean. Aitaordea alkoholikoa zen, jokalaria, eta ama eta anaierdia jotzen zituen. Bill gazteak aitaordea mehatxatu behar izan zuen behin baino gehiagotan, ama eta umea defendatzeko. Familia desegituratu batean jaio zen Clinton, eta hori arma moduan erabili zuen Bush aitak 1992ko hauteskunde kanpainan, hura gutxietsi nahian. Errepublikano atzerakoienek larrutu egin zuten politikari demokrata, haren haurtzaroaren berri izan eta gero. Aitaordea alkoholikoa zen eta etxekoak jipoitzen zituen. Hori nahikoa zen gazte umezurtza aldez aurretik kondenatzeko. Ez zen familia, etxe eredugarri batean hazia. Nolaz izango zen gai, ba, horri guztiari buelta emateko eta, gainera, AEBetako presidentea izateko? Hogei urte pasatu dira geroztik, eta errepublikanoek familiaren irudi idiliko kontserbadoreari eutsi diote hauteskunde kanpainan. Familia tradizionalaren balioak aldarrikatu dituzte Mitt Romney goratzeko. «Bost seme-alaba aurrera ateratzeko gai izan den gizona gai da Ameriketako Estatu Batuak aurrera ateratzeko», adierazi dute kanpainan. Ez dute esan hautagaiak eta emazteak inoiz antisorgailurik erabili ez dutenik, ez dira hain urrun joan, baina... Bost seme-alaba izan dituena gai da presidentea izateko, horixe! Ondo egituratutako familia batean jaio eta hazi bada eta gizartean ondo txertatutako persona badugu, noski. Bestela, hautsitako familia baten semea edo alaba bada, moralista hipokriten aurreiritzien biktima izango da. Ez da erraza bost-seme alaba aurrera ateratzea, ez; erantzukizun handia da arlo guztietatik. Bi alaba aurrera ateratzea ez da askoz errazagoa, baina. Batez ere, bi neska horien erroak familia desegituratu batean eta gutxiengo etniko baztertu batean daudenean. 1850. urtean Hego Carolinako jauntxo zahar batek testamentua utzi zuen hil baino lehen. Banatutako ondasunen artean 6 urteko neskato beltz bat zegoen. Neskato horrek, Melvinia beltzak, 475 dolarreko balioa zuen. Jabea hil eta gero, umea hara eta hona ibili zen, eta Georgiara joan zen. Han, artean nerabea zela, haurdun utzi zuen gizon zuri batek, AEBetako gerra zibilaren garaian. Handik mende batera jaio zen Michelle Obama. Zenbait kristau integristaren arabera, basati baten bortxaketaren ondorioz jaiotako ume bat maitagarria da, jainkoaren nahiaren fruitua baita. Familia desegituratu baten semea edo alaba, berriz, ez da maitagarria, ez fidagarria. Are gutxiago AEBetako presidentea izateko. Londres, 1812 2012ko azaroak 17 Anthony Burgessen ipuin bat irakurriz jakin nuen, oker ez banago, etxerik gabekoentzako aterpe berezi baten berri. Industri iraultzaren osteko Ingalaterran, XIX. mende hasierako Londres lainotsu hartan, negozioa egiten zuten gaua non pasatu ez zuten txiroekin. Penike bat edo horren erdia pagatuta epeletan lo egiteko aukera zuen jende hark, gela edo soto batean. Hantxe, eserleku batzuetan jarrita edo zutik, besterik gabe. Horretarako, soka lodia jartzen zuen etxearen jabeak gelako alde batetik bestera, ondo tenkatuta. Txiroak besoak tolestatu eta sokaren gainean jartzen zituen, gero burua jaitsi, makurtu eta hantxe paratzeko, hezur-haragizko burkoaren gainean. Sokari eutsita, ia itsatsita egiten zuen lo. Jabeak goizean goiz esnatzen zituen apopiloak, iratzargailu krudel baten soinu sikuaz: soka kolpetik askatu eta lo gozoan zegoen jendea airean geratu eta plaust! erortzen zen lurrera. Londres pobre hartan gauero puskatutako ametsak puskatzen zitzaizkion goizero etxe gabekoari, baita muturrak ere, deskuidatuz gero. Bi mende geroago, eta besterik ezean, sotoko sokaren sistema baliagarria izan liteke etxe kaleratzeen ondorioz aterperik gabe geratzen direnak babesteko. Ingalaterrako garai kapitalista gordinenetan bezala babestu ere. Batez ere orain, negu gorriaren atarian gauden honetan. Lehman Brothers Holdings erakundearen finantza terrorismoak eragindako krisiaren ondorioei aurre egiteko zenbait neurri onartu ditu Espainiak. Madrilek ez du aldatu abusuak ahalbidetzen dituen legea; gehienez ere horren aplikazioa etetea onartu du, kaleratzeak kasu larrienetan saiheste aldera. Hala ere, hain zuhur eta zikoitz jokatu du, non benetan kaltetutako jende asko eta asko eremu horretatik kanpo geratuko den. Esaterako: seme-alaba txikiak dituzten familiak zaindu nahi omen dituzte arau berriek, besteak beste. Hiru urtez beherako umea duten familiak ez dituzte, printzipioz, etxetik kanporatuko. Ez da oso logikoa umeen babesgabetasuna baloratzeko modua. Haurrak hiru urte baino gutxiago baditu, gurasoak etxean geratuko dira; hiru urte baino gehiago izanez gero, aldiz, ez. Kale gorrira. Zer alde dago hiru urteko eta lau urteko umeen artean? Hamabi hilabeteko tartea —edo, denbora errealean, sei aste edo hiru eguneko aldea, batek daki— erabakigarria izan daiteke familia osoa kalera botatzeko ala ez. Arau horri segituta, lau urteko ume bat kalean egongo da, gurasoak hipoteka ordaindu ezinean egonez gero. Haren bizilagun edo lehengusuak, hiru urte betetzear dituenak, aldiz, etxean segituko du puska batean. Neurria ez da justua, ez da logikoa. Edo bai, logika krudela du: hiru urte baino gehiagoko umeek badakite oinez ibiltzen. Kanporatzea homologarria da, beraz. Bestela, ez: oso irudi eskas eta gupidagabea da argazki edo bideo grabazio batean etxe kanporatze bat islatzea, kontzientzia eragozpenik egiten ez duen polizia aita edo ama bat kolpatzen, hark umea besoetan duen bitartean. Hiru urte baino gehiagoko umea, ostera, gai da zutik egoteko eta, behar izanez gero, sotora joan eta sokaren gainean lo egiteko. Industri iraultzaren osteko Londres lainotsuko garai kapitalista gordinenetan bezala. Lagun bat dut, Bizkaiko herri handi batean udaltzaina. Duela urte asko, polizia lanetan hasi berria zela, eta artean halako etxe kaleratzeak pil-pilean ez zeuden garaian, etxe batera joan behar izan zuen. Zertara eta bertakoak kanpora botatzera. Etxekoek irten nahi ez, eta nagusiak borrak erabiltzeko esan zion. «Ni ez nintzen udaltzain sartu hau egiteko», esan zion lagunak, xalo-xalo, sarjentuari. «Zuk hemen neuk agintzen dudana egin beharko duzu, bestela badakizu…», erantzun zion besteak. Laguna ezkondu berria zen, hipotekaren zama hartua. Andrea haurdun zegoen. Egun udaltzain segitzen du. Merezitako tiroak 2012ko azaroak 24 Merezi zuen Francok tiroz hiltzea? Hala hil balute, terrorismoaren biktimen artean egongo zen gaur? Biktimen gaia hizpide izan da aste honetan. Batetik, Eusko Legebiltzarreko batzordeak estatuaren indarkeriaren lehen biktimak aitortu ditu. Bestetik, Pernando Barrena Ernest Lluchen alaba Rosarekin izan da Bartzelonan, ETAk hildako politikari katalana omentzeko eratu duten hitzaldi sortan. Biktimen mina handitzeko asmorik ez zutela adierazi du Barrenak ekitaldian. «Sentitzen dugu», esan dio Lluchen alabari. Pernando Barrena eta Rosa Lluch elkarrekin agertu dira egunkarietako argazkietan. Irudiak garrantzi handia dauka, eta sinbolismotik haratago doa: Lluchen alabak aurrera begiratu beharra aipatu du, eta elkarrizketaren bidea nabarmendu. Beste aldetik, egindako mina aitortu du Barrenak. Pauso garrantzitsua normalizazioranzko bide luze eta latzean. Bestalde, Sufrimendu Bidegabeen Biktimen Balorazio Batzordeak zortzi kasu onartu ditu estatuaren indarkeriaren biktima gisa. Horien artean Txiki eta Otaegi daude. AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak neurri hori baliogabetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Jaurlaritzaren saioak garai jakin bat hartu du lehendabizi, 1960tik 1978ra artekoa. Hurrengoan, 1978tik aurrerako kasuak aztertuko ditu batzordeak. Nabarmentzekoa da indarkeria kasuak bereizteko ezarritako terminologia. Kasu batean eta bestean erabilitako hitzak ez dira berdinak. ETAk frankismoan edo geroago inor hil duenean hilketa deitu izan zaio ekintza horri. Beste kasuetan indarkeria politikoa da; areago, «poliziaren gehiegikeriak». Pertsona bat tiroz hiltzeari hilketa deitzen zaio. Nola deitu beharko zaio lehertu arte hamar egunean sadikoki torturatu eta hil dutenen ekintzari? «Poliziaren gehiegikeriak»? Ildo horretan, nola deitu urteetan torturatzaileen zigorgabetasuna babestu duen sistemari? Jose Mujica, Uruguaiko egungo presidentea, argi mintzatu zen horren harira Jesus Quinterok duela urte batzuk egin zion elkarrizketan. Kazetari espainiarrak galdetu zion ea zer iruditzen zitzaion nazioarteko justizia Augusto Pinocheti jazarri izana. Mujicak argi esan zuen: «Hobe Pinochet tirokatuta hil balitz». Arrazoia argudiatu zuen: «Filosofikoki heriotza zigorraren kontra nago, baina agian dozena erdi kasu egongo dira ondo merezi dutenak. Horixe da horietako bat». Quinterok Garzoni buruz zer pentsatzen zuen galdetu zion orduan Mujicari. Politikariak ironia zorrotzez erantzun zuen: «Epaile bikaina da. Bere begien aurrean torturatu ilara pasatzen uzten du eta ez ditu torturatuak ikusten, eta ez du ikusten zenbat hiltzaile dagoen libre Espainian. Eta beste leku batzuetan dauden hiltzaileak bilatzen hasten da». Ikusi nahi ez duenak ez du ezer ikusiko. Bere sufrimendua besterik kontuan hartzen ez duenak ez du enpatiarik sentituko besteekiko. Halakoxea da zenbait biktimaren jarrera. Gerardo Iglesiasek, 80ko urteetan PCE Espainiako Alderdi Komunistako idazkari nagusia izan zenak, horien kontraesana nabarmendu du Bartzelonako egunkari batean argitaratutako elkarrizketan: «Paradoxikoa da ETAren kasuan zenbait biktimaren jarrera. Horietako askok ETAren indarkeria ez ahazteko esaten dute, baina frankismoaren krimenak ikertzeko esaten dietenean, orduan, bai, ahaztea komeni da, etorkizunera begiratu behar dugu». Denok dugu oroitzeko eskubidea. Oroimen horri nola atxiki da kontua eta, batez ere, zertarako. Biktima batzuei mina, haserrea eta gorrotoa publikoki adierazteko eskubidea onartzen zaie. Alta, zer gertatuko litzateke Espainiako edo Hego Euskal Herriko politikari batek esango balu Francok ohean barik ondo merezitako tiroak jasota hil beharko zuela? Areago: zenbat politikari ausartuko litzateke gaur, ustezko zuzentasun politikoa baztertuta, hori kazetari baten aurrean esatera? Uruguaiko presidentea izan behar da horretarako? Enkantea Parisen 2012ko abenduak 1 «Hilaren 22an, goizeko hiruretan, Kremlin lehertuko dut». Napoleonek Errusiako kanpaina bukatzeko asmoaren berri eman zien gutun zifratu batean Parisko agintariei. Azkenean ez zuen garaipena lortu, baina. Errusiako hondamendia haren gainbeheraren hasiera izan zen. Korsikarrak, frantsesez ondo moldatzen ez zenak, Hexagonoko populazioaren hamarrena sakrifikatu zuen bere gerra jokoetan: hogei milioi lagun bizi ziren orduan Frantziako mugen barruan eta bi milioi hil ziren horien ondorioz. Hala ere, Napoleon ohorezko lekuan gordetzen du Frantziako historia ofizialak. Gerra, nazioaren handitasuna eta dirdira pizteko. Joan Daniel Bezsonoff idazle katalanak esan zuen elkarrizketa batean XIX. eta XX. mendeetan Alemaniaren kontra izandako hiru gerrek hezkuntza sistemak baino eragin handiagoa izan dutela Hexagonoko herritarrak batzeko. Frantziaren barruko nazioetako herritarrek Errepublikaren defentsan jarduten zuten bakoitzean pauso bat gehiago ematen zen haien batasun afektiboaren prozesuan. Eskolak oinarri horiek erabili zituen gero sentimenduak errotzeko. Les amnèsies de Déu (Jainkoaren amnesiak) liburuaren egilearen arabera, prusiarren kontrako gerran eta, batez ere, Lehen Mundu Gerrako lubakietan mamitu zen oraingo Frantzia, hainbat herritarren gogo batua, haien asimilazioa: Sedango edo Verdungo batailetan elkartutako gizonek apenas zuten ezer komunean: euren herriak urrun zeuden, euren bizimodua eta kultura ere bai. Guztiek ez zekiten frantsesez, eta lehen aldiz ateratzen ziren herritik: katalanak, bretoiak, euskaldunak... bandera beraren atzean zeuden, sufrimenduan elkarturik. Ezin zuten elkarrekin behar bezala komunikatu; batzuetan, hitzen ordez, oihuak, negarrak eta barreak ziren haien komunikazio zeinuak. Begirada kedartsuetan lohitutako isilaldiak. Gero, gerra bukatu eta etxera itzultzean, oroitzapen haiekin biziko ziren hil artean. Halaxe sortu zuen Frantziak herritar horientzako aberria. Gizon haiek bazekiten euren herrietatik harago bazeudela beste gizon batzuk, beraiek bezain xumeak, haiek bezala ideal baten alde borrokatutakoak. Elkar ezagutu zuten gerran. Horrexek batzen zituen denak. Perpinyan jaioa da Bezsonoff, Ipar Katalunian. Aitona errusiarra zuen. Aste honetan ekimen bat aurkeztu du Ipar Kataluniako hainbat eragilerekin batera, Katalunia bizitzen ari den egoera politiko berezia Frantzian ezagutarazteko. Independentismoaren berri eman eta hedabideak, herritarrak eta agintariak nolabait sentsibilizatzeko. Ekimena Oliba kolektiboak bultzatu du. Frantziarrak apur bat ezagututa, ez da lan erraza izango haiek limurtzea. Baliteke kanpoko errealitate bat aitortzea —Katalunia— barrukoa aitortu barik —Ipar Katalunia edo Ipar Euskal Herria kasu—. Edo, baikorrak izanez gero, hauxe gertatuko dela irudikatzea: kanpokoa aitortzeak barrukoa ere aitortzea ekar lezakeela. Hala ere, bada arrazoirik errealistak izateko. Erreparatu, bestela, Parisek nola begiratzen dion Euskal Herrian hasitako prozesuari eta hark administratutako Euskal Herrian daraman politikari. Napoleonen garaietatik gaur arte, Frantziak ez du aise onartzen 1789ko iraultzaren ondoren sortutako egituraketa administratiboa aldatzeko proposamenik. Katalanak, euskaldunok eta besteak gerrak batu gintuen Frantzian. Asimilazioa eskolan areagotu zen. Baina lubakietako anaitasuna izan zen lehen tresna. Gero, herri bakoitzean gerran hildakoen aldeko oroitarria jarri zuten, haien izen-abizenak dotore-dotore, garai latzen lekuko. Ea nor ausartzen den aitonaren edo berraitonaren izena duen harria lehertzen, herriko plazan. Errazago lehertuko da Kremlin. Napoleonen gutunak 1812ko urriaren 20a zuen data. Parisko Barne Ministerioan hiru egun geroago jaso zuten. Ordurako tropa frantsesak erretiratzen hasiak ziren. Gutuna bihar jarriko dute enkantean Paristik gertu, Fontainebleaun. Messi, zubi 2012ko abenduak 8 Barka nazatela Bartzelona zaleek —hau da, gipuzkoarren erdiek—, baina lehengoan, Messi lesionatu zenean, sentsazio gazi-gozoa izan nuen. Bizipen arraroa. Bartzelonaren futbol zelaiko ikusleek arnasari eutsi ziotenean isiltasun ezin luzeagoan, ni ere han izan nintzen, larri-larri eginda, ezusteak harrapatuta. Alta, zilegi bekit esatea tristatu egin nintzela baina, aldi berean, beste zerbait ere sentitu nuela barrenean, ia kontrolatu ezina. Nola esan… ezaxola, hoztasuna… poza? Nire alde arrazionalak Messiren lesioa madarikatu zuen, baina alde irrazionalak, inkontzienteak, sentimendu iluna piztu zidan. Hura lasaitua! Messi lesionatu arte aitortzera ausartu ez zena aitortu zidan gogoak: «Ez duzu nahi Messik Mullerren gol marka hausterik. Lesionatu bada, ez du lortuko». Eta arnasa hartu nuen. Ez daukat ezer Messiren kontra. Alderantziz: nire ustez, haren abileziak eta maisutasunak ez dute parekorik. Barkatu oraingoan CR7ren lagunek, baina ederra —mutil guapoa esan beharko nuke, oraingo jarrera modelnoari segituta? — eta aberatsa izateak ez dio portugaldarrari txuloputa izateko eskubide betierekoa ematen. Hala ere, poztu egin nintzen Messiri Gerd Muellerren marka hausteko aukera ia zapuztu zitzaionean. Orain, badirudi lesioa ez dela hain larria eta helburua lor lezakeela. Batek daki. Markak hausteko daude. Zer egingo diogu, ba. Halako eboluziorik gabe, onerako denean, ez ginateke inora helduko; munduak, gizarteak, ez luke aurrera egingo... Gerd Muellerrek berak esan du poztu egingo dela Messik marka gainditzen badu. Mueller pozten bada, nor gara besteok, ba, ez pozteko? Muellerren markak barruko haur sentimentala azaleratu dit. Gizakiok, sarri, iraganaren esklaboak garela gogorarazi. Atzera begiratu eta torpedoaren garaiak bizi izan ditut. Umetako garaiak. Alemania-Herbehereak, 1974ko munduko txapelketako finala, Munichen. Eta Muellerren gola, lehen zatia bukatzear zegoela. Mundua Cruyffekin txoratzen, eta Muellerrek gola sartu. Helmut Schoenen hamaikakoaren garaipena. Estadio Olinpikoa noizbait ikusteko grina. Alemaniako Futbol Federazioari idatzitako gutuna eta bueltan bidalitako argazki-oroigarria, jokalari guztien sinadurekin. Iraganaren nostalgia. Messiren marka berriak irudi horren osotasuna apurtuko dit. Dena den, ezin uka argentinarraren meritua futbolean aritzeko eta zubi lana egiteko. Messi zubia baita orduko eta gaurko futbolaren artean: harengatik ez balitz, belaunaldi berriek ez zuten jakingo Mueller nor den. Pele ezaguna da adin guztietako gizon futbol zaleen artean, baina Mueller, ez. Alemaniarrak ez du inpotentziaren aurkako botika baten publizitaterik egin, nahiz garai batean produktua beharko zuen, seguruena: alkoholismoz desintoxikatzen egon zenean, oheari lotuta eduki zuten hainbat egunez. Orain ez du alkoholik hartzen, ezta likorezko bonboi bat bera ere. Herbehereak gustatu arren, Alemaniako talde horrekin bat egin genuen. Zer nahi duzue esatea. Denok ditugu geure alde zuri-beltzak. Zubizarreta Espainiako selekzioan zegoenean Bizkaiko abertzale independentista ez gutxi ere eskizofrenian bizi ziren. Arerioa gure Zubirengana hurbiltzen zen bakoitzean, arnasari eutsi eta isil-isilik geratzen ziren, atezainak arriskua urrundu arte. Eta orduan bai, biriketan gordetako aire guztia botatzen zuten kanpora… Hura lasaitua! Kasuak ezagutzen ditut, baina ez dut izenik esango. Ni, bitartean, kandela pizten, Zubiri dozena erdi caño sartuko zizkioten esperantzan. Allianz Arena berria 2005ean eraiki baino lehen dozena bat aldiz izan nintzen Munichen. Behin baino gehiagotan Estadio Olinpikoa ikustera joatea proposatu zidaten, baina ez nintzen inoiz bertaratu. Ez nuen txikitako ametsen ganbaran sartu nahi izan, badaezpada ere. Hori baino jarduera interesgarri eta gozagarriagorik asmatzen nuen beti. Gizakiok. Hain gara xaloak, hain gara maitagarriak. Hain gara kontraesankorrak, non… 'Tofu' eta 'fufu' 2012ko abenduak 15 Ingelesak, nazioarteko hizkuntzak, botere publikoen babesa behar duela adierazi zuen atzo Ed Milibandek, Ingalaterrako Alderdi Laboristako buruak. Ingelesak, nazioarteko hizkuntzak, babesa behar duela. Non eta bertako gizartean. Zertarako eta gizarte hori kohesionatzeko. Milibanden arabera, herritarren aurrean funtzio publikoan lan egiten duten lagunek —hau da, soldata administraziotik jasotzen duten enplegatuek— ingelesez ondo hitz egiteko gai direla frogatu beharko dute, Erresuma Batuan laboristek aginduz gero. Milibandek esan zuenez, ekimen horrekin kanpotarren integrazioa bermatu eta bultzatu nahi dute laboristek. Bestela, gizartea ez da kohesionatuta egongo. Laboristen proposamenak helburu jakin bat du: «nazio konektatu» bat lortzea, ez «nazio banandu bat». Milibanden ustez, banaketak «bakartzea» dakar, eta horrek aurreiritziak areagotzen ditu: «Erresuma Batuan ezin duzu arrakastarik izan, bakarturik baldin bazaude. Bakartzeak ezjakinduria areagotzen du, eta horrek, susmoak eta aurreiritziak». Nazioarteko hizkuntza zainketa berezien gelan sartu behar bada bere herrian bertan, zer ez litzateke egin beharko euskara —edo katalana, galiziera...— babesteko? Kataluniak hezkuntza sisteman hizkuntzaren normalizazioaren alde eginiko bidea moztu nahi du orain Wert ministroak. Kataluniako gizartearen kohesioa urratu, kohesio hori espainiartasunean kokatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen sistema eredugarritzat jo du Wertek, eta horixe adierazi katalanei: gurasoen aukera errespetatzea. Horixe proposatzen ari zaio Kataluniari. Herritar guztiei hizkuntza hautatzeko aukera eskaintzea, eskolak ama hizkuntzan jasotzeko. Ama hizkuntza espainiera bada, noski. Txinakoek edo Ghanakoek ez dute eskubiderik eskolak euren ama hizkuntzan izateko. Gure hezkuntza sistema defendatzen dutenak kezkatu egin beharko lirateke, Werten laudorioak entzunda. Hautatzeko aukera nahi dutenek jakin beharko dute Wertek berak badakiena, hainbat ikerketak frogatu dutena: gure sistemak ez duela bermatzen hemengo haur guztiak euskaraz mintzatzeko gai izatea. Ez A, ez B ereduetan, ezta D ereduan ere, zenbait kasutan. Gure sistemak erdara ezartzen eta indartzen duela, alegia. Euren gizartea katalanak kohesionatzea nahi dute katalanek. Gure gizartea erdarak kohesionatzen du. Horregatik Werten txaloak. Hemen euskarari ez zaio balio handirik ematen. Ainhoako vascofrancés batek, Europako Batasuneko kidea izanik, eskubidea du Hegoaldeko administrazioan lan egiteko, diru publikoz ordaindua izateko, espainieraz primeran moldatuz gero. Euskaraz zipitzik jakin ez arren. Ezpeletako euskaldun batek, ordea, ezingo du Oiartzungo osasun zentro publikoan lan egin, gazteleraz ez badaki. Duela hilabete batzuk lau neska gazte eseri ziren Bilboko jatetxe batean, Abando aldean. Bi afrikarrak ziren eta beste biak, txinatarrak. Haien artean hitz egiten hasi ziren, erdaraz. Nabari zen lauretako inork ez zuela gaztelera lehen hizkuntzatzat, baina polito moldatzen ziren espainolez. Zerbitzari txinatarrek txineraz hitz egiten zuten euren artean, baina espainolez bezeroekin, baita txinatarrekin ere. Euskara ez da normalduko bi afrikarrek eta bi txinatarrek euren artean euskaraz egin arte. Bilboko jatetxe txinatar batean, ez Berriatuko kontserbera batean. Hori gertatu arte euskararen geroa ez da bermaturik egongo. Baina orduan ere, batek daki... Gerta liteke afrikarren eta txinatarren aldameneko mahaian Arrasate, Gernika, Donostia eta Berako lau euskaldun xinjiang arroz frijitua jaten egotea, gazteleraz barra-barra. Espainiarrek saria banatuko diete orduan: Wertek Isabel Katolikoaren idunekoa emango die lau euskal herritarrei. Eta Fernandez Diazek atzerritar legea ezarriko die lau euskaldunei. Eguzkia Mongolian 2012ko abenduak 29 Ulan Batorrera iritsi zen egunean guardiako eguraldi gizona fusilatu zuten, huts egiteagatik: bezperan eguraldi eguzkitsua iragarri zuen, baina biharamunean elurra ari zuen Mongoliako hiriburuan. Mongolski bedeker (Mongoliako gidaliburua) eleberriko pertsonaia nagusiaren arabera, epaileak ez zuen errukirik izan eta heriotza zigorra ezarri zion meteorologoari. Zigorra gehiegizkoa bada ere, hutsa ez da arina, Mongoliako eguraldia nolakoa den jabetzen bagara. World Weather Information webguneak dioenez, gaurko tenperatura baxuena 26 gradu zero azpitik izango da Ulan Batorren, eta altuena -20 gradukoa. Elurra mara-mara. Bihar, berriz, -25 eta -17ko tenperaturak izango dituzte. Elurrik ez, baina hodeiak nagusi. Ulertu egiten da Mongolian zer poza eragiten duen eguzkia izango dela jakiteak. Eta iragarpenetan kale egiteak zer ekar dezakeen. Svetislav Basara idazle serbiarrak egoera guztiz kafkianoak islatzen ditu Mongoliako gidaliburua nobelan. Herrialde horretan absurdoa da nagusi: zauden lekuan zaudela, nonbaitera joateko bidaia egun batekoa izaten da beti. Gauza guztiek prezio bera dute: 1991ko bost marko alemaniar. Orratz bat, lokomotora bat edo BMW bat, edozer, bost markoren truke. Eta Charlotte Rampling Gengis Khan hotelean bizi da. Mongoliarrak burutik sano ez daudela pentsatuko dugu, baina Asiako herrialdea ez da zorroztasunaren erresuma bakarra munduan: Basararen arabera, Burkina Fason ortografia huts batengatik urkatzen zaituzte. Mongolia baino hurbilagoko lurraldeetan ere egoera kafkianoak bizi ditugu. Hemen, BMW batek ez ditu bost marko balio, baina hilabeteak eta datak aurreratu egiten ditugu. Neguan uda da, eta udan, negua. Urtaroak aldatzen ditugu eta, ondorioz, eguraldia. Hemen egutegia aurreratu behar da, herritarrek ondo merezitako dirua jaso dezaten. Euskal Autonomia Erkidegoko langile publikoek 2013ko ekaineko aparteko ordainsaria kobratuko dute urtarrilaren hasieran. Horixe ebatzi zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. Uztailean, aldiz, abendukoa emango zaie. Urte berria hastearekin batera ekainean, udan, izango dira Jaurlaritzako langileak, besteei aurrea hartuta. Otsailerako, denak beltzaran. Bruselak Raxoiren bidez —edo Raxoik Bruselaren bidez, batek daki— inposatutako mozketetako bati ihes egiteko formula magikoaren ondorioa izango da. Modu legezko eta humanoa, patroi publikoaren eskuzabaltasunari esker. Eskerrak eman beharko, beraz. Horregatik eta udako lehen eguzki-printza kilikagarriak urtarrilera aurreratzeagatik, neguko hotz, haize eta elurrik gabe. Mirari meteorologikoa ekonomiari esker gertatu da. Ekonomia, dirua mundua aldatzeko gai da, baita urtaroen ordena eta erritmoa ere, orain ikusi dugunez. Eta gure aldartea. Woody Allenek esana du diruak ez duela zoriontasuna ematen, baina oso antzeko sentsazioa ematen duela, hain antzekoa, non espezialista bat behar den diferentzia nabaritzeko. Dirua ez dela garrantzitsuena saldu nahi izan digute betidanik. Baina zergatik izango da hori esaten duten guztiak aberatsak direla? Eskarmentua dutelako: eurek baino ez dute sufritu diru asko izateak dakarren zorigaitza. Eurek baino ez dakite zein gaizki pasatzen den, zeinen txarra den gaixotuz gero itxaron zerrendarik gabe artatua izatea edo izen handieneko eskoletan ikastea. Ez aipatzeagatik bestelako sentsazioak eta atseginak. Hori guztia pairatzea eragotzi nahi diete herritar arruntei. Ez du merezi hala sufritzea. 2013ko aparteko ordainsariak aurreratzea erabaki dute Gasteizen. Datorren urteko abenduari dagokion ordaintze mota hori kobratzerik izango ote den beste kontu bat da. Baina nor kezkatzen da orain, hamabi hilabete lehenago eta gainean zer dugun ikusita, datorren urteko Eguberriez? Ez litzateke harritzekoa izango 2014ko urtarrilean ere udako eguzkia ateratzea. Mongoliako eguraldi gizonak zer iragarriko zain egongo gara. Badaezpada ere, abisatuta dago. 'Geisterfahrer' 2013ko urtarrilak 5 Jokatzea gustukoa dugu, nahiz aldez aurretik badakigun partida galdu egingo dugula, eskuetan kartarik onenak izan arren. Heriotza hiltzeko ahalegina alferrekoa da, baina, horretaz jabetuta ere, gizakiok ez diogu uko egiten azken patua engainatu edo saihesteko saioari. Hugo Chavezen osasun egoerak eraginiko erreakzioak ditugu horren adibide. Venezuelako presidenteari buruzko albisteak une batetik bestera aldatu dira azken egunotan. Asteartean larri-larri zegoen Chavez; asteazkenean, larri; ostegunean, hobeto, laster etxera bueltatzeko moduan; atzo, aldiz, arnas gutxiegitasuna zuen agintariak. Gaur, batek daki... Chavezen jarraitzaileek esna-aldiak eta otoitz publikoak antolatu dituzte haren alde. Habanan minbiziari aurre egiteko azken ebakuntza egin ziotenetik ugaldu dira ekitaldi horiek, Venezuelan bertan eta kanpoaldean. Hantxe ikusi ditugu Evo Morales Boliviako presidentea, baita Sean Penn aktorea ere, besteak beste. Batzuen ustez, bitxia da ikustea sentsibilitate ezkertiarra duten askok erritu horretan parte hartzea. Ez da guztiz kontraesankorra heriotza exorzizatzeko zeremonia egitea. Erlijioa herriaren opioa dela esan zuen Marxek, baina ezkerreko sentsibilitatea duten guztiak ez dira marxistak. Bestalde, izango da kontraesanak dituen marxistarik ere. Mundua kontraesanetan oinarritzen da, sarri, aurrera egiteko. Marxen teoriak ez daude hain desfasatuta. Ez behintzat Adam Smithenak baino areago. Biek ala biek nabarmendu zuten lanaren garrantzia, nahiz beste arlo askotan ez zetozen bat. Smithek ere pobreziaren kalteak nabarmendu zituen. Haren ustez, gizarte bat ezin da zoriontsua izan bertako kide gehienak pobreak baldin badira. Denbora pasa da, eta ekonomialari eskoziarraren hitzek ez dute indarrik galdu. Chavez presidentea izan aurretik pobreak nola zeuden Venezuelan eta orain nola dauden. Hori jakitea nahikoa da ulertzeko zergatik otoitz egitera atera diren gehienak pobreak diren. Akatsak akats, kontraesanak kontraesan eta populismoa populismo —zer dira, ba, gure 400 euro horiek Hegoaldeko langabeentzat? —. Zergatik klase ertaineko kide askok ez duten kandelarik pizten haren alde —zer da klase ertaina Venezuelan?—; zergatik segitzen duten, dugun, kontrako norabidean, heriotza uxatu nahian, geure azken patua ezingo dugula saihetsi aitortu arren. Batzuetan denok joan nahi dugu kontrako norabidean bizitzaren autobidean. Bidesari garestiena ordainduta ere. Areago, bidesaririk ez badago. Alemanian halaxe da, eta bertako irratietan etengabe aditzen duzu abisua: Berlin-Nurenberg bidean, ez dakit zenbatgarren kilometroan, Geisterfahrer bat badoala. Gidari suizida bat, alegia, kontrako norabidean. Eta esatariaren hitzak. «Mesedez, kontuz gidatu, arazoa konpondu bezain laster abisatuko zaituztegu». Eguneroko kontua da. Lehengoan, Ulmetik Municherainoko autopista zatian Geisterfahrer bat zihoala jakinarazi zuten irratitik. Handik ordu erdira arriskuak bere horretan segitzen zuen artean. Tokio Hotel musika taldeak badu kanta bat, Geisterfahrer izena duena. Kantaren hasieran gasolina odolean daukala dio kantariak. «Geisterfahrer bat beti doa bakarrik / gaua hotza da / eta autoan noa bakarrik / Geisterfahrer bat bezala / azkenean zurekin egoteko...». 2010eko maiatzean, Geisterfahrer moduan ibili zen Tom Kaulitz taldeko kidea. Tokio Hotelekoak Taiwanen zeuden biran, eta 20 urteko musikariak viagra gaindosia nozitu zuen. Kaleko saltzaile batek pilula urdinak eskaini zizkion, eta berak erosi. Gasolina behar zuen odolean. Bat hartu zuen segituan, festa batera zihoalako, eta festatik irten eta hotelera bi neskarekin joan zenean, beste bi pilula hartu zituen. Tomek bi egun eman zituen jota burua altxatu ezinik. Burua. Eginbideak bete ote zituen... Geisterfahrer. 'Torap doktrina' 2013ko urtarrilak 12 Mafia errusiarreko kideak epaitu dituzte aste honetan Donostian. Akusatu nagusia «gerrako ume baten semea» izan da. Hedabideek ez dute zehaztu, baina, antza denez, Euskal Herritik Sobietar Batasunera joandako haur haietako baten ondorengoa da. Fiskalak hamasei urteko zigorra eskatua zuen haren kontra. Azkenean, lau urte. Pena jaisteko, gaizkile talde bateko kidea dela aitortu behar izan du akusatuak, eta delituak egin dituela. Besterik ez. Gaizkilea mafioso errusiartzat jo dute, haren beste jatorria gehiegi nabarmendu gabe. Munduari eginiko ekarpena txalogarria izan balitz, segituan ikertuko genuen ama edo aita nondarra duen edo zuen. Baina mafioso baten kasuan... Gurean mafiosorik ez baitago, Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako euskal herritarra ez bada. Antonio Basagoitik gogorarazi digu, euskal preso politikoen alde gaur Bilbon egingo den manifestazioaren harira. Basagoitiren arabera, euskal presoek bortxatzaileei eta mafiosoei ematen zaien tratu berdina jaso behar dute. Oker dago, baina. Donostian epaitutako mafiosoak gaizkile talde bateko kidea dela aitortu du. Ondorioz, hamasei urtetik lau urtera jaitsi diote zigorra. Horren erdia baino gehiago bete duenez, kalean izango da laster. Damutu barik. «Hau egin dut» esatea nahikoa izan da. «Eta harro nago» gehitzea besterik ez zuen falta. Oraintxe bertan sinatuko lukete hori euskal presoek. Epailearen aurrean «ETAko kidea naiz, hau eta hau egin dut», esan eta, damutu barik, zigorra leundu eta kalera. Parot doktrina, baina alderantziz. Torap doktrina, alegia. Ez dirudi Basagoiti hori proposatzen ari denik. Basagoitik badaki euskal presoak ez daudela espetxean euren joera doilor eta makurrenak asebetetzeko eginiko delituengatik. Euskal gizarteak badaki hori. Baita presoen jarduerarekin edo pentsaerarekin bat ez datozen herritarrek ere. Basagoitiren konparaketak iraindu egin nahi du, mindu. Kemena izango luke PPkoak astero bi mila kilometro egin behar dituen edadeko emakumeari aurpegira esateko hori, alegia, semeak bortxatzaile batentzako moduko zigorra eta tratua merezi dituela? — —eta badakigu bortxatzaileei zer gertatzen zaien kartzelan—. Basagoitik delitu okerren eta arbuiagarrienen egileen pare jarri ditu euskal presoak. Ez du inoiz esango, ordea, Diaz Ferrani edo Urdangarini, epaitu eta erruduntzat joz gero, mafioso edo bortxatzaileentzako moduko zigorrak ezarri beharko litzaizkiekeela. Edo, susmagarri hutsak diren artean, euskal presoei ematen zaien tratu berdina jaso beharko luketela galdeketetan: jipoia, tortura edo eraso sexualak. Urduri dago PP. Urduri dago Urkixo erregeordea, Eusko Legebiltzarrari esaten metropolira nor bidali behar duen senatari eta nor ez. Urduri dago EAJ ere, kartzela politikan izan zuen erantzukizuna ezkutatu nahian edo. Euskal presoen alde «gutxiago hitz egiteko eta lan gehiago egiteko» esan dio Josu Erkorekak ezker abertzaleari. Presoak sinetsi ezinik egongo dira, PSOErekin dispertsioa bultzatu zuen alderdia orain haien eskubideen defendatzailea dela ohartuta. Isilean lan egin beharra nabarmendu du Erkorekak. EAJk isilean itundu zuen dispertsioa eta ozenki defendatu. Ea oraingoan euskal presoak Euskal Herrira etortzea lortzen duen. Isilean edo ozenki, berdin dio. Baina protesta-gutunak bidali baino zerbait gehiago egin beharko du horretarako. Ostegun eguerdia. «Gizajoak, presoak», esan du Espainiako irrati bateko esatariak. «Presoak defendatzen ari zara? Zerbait egingo zuten kartzelan egoteko», erantzun dio bigarren esatariak. «Nor defendatuko dut? Bankariak?», lehenak. Espainiako kazetari bat audientzia handiko irrati komertzial batean, presoen alde. Brasilgo presoen alde. Herrialde hartako poliziek katu bat atzeman dute Arapiracako kartzelan. Animaliak zerra orriak, zulagailuentzako ordezko piezak eta telefono mugikor bat zeramatzan gorputzean itsatsita, presoei pasatzeko. Lehen kazetaria presoez errukitu da. Bigarrena, aldiz, katuaz. 'Yogurin' bidaiak 2013ko urtarrilak 19 Cañete jatetxea. 2013ko abuztuak 13. Eguneko menua lehen poltsikoko herritarrentzat: barazki biologikoz osatutako entsalada freskoa, ortu ekologikotik hartuak mahaian jarri baino ordu erdi lehenago, egin berria den chandetroisaltsaz; Pirinioetako aire garbian hazitako bildots errea; goizean jetzitako behiaren esnegainez eta behar bezalako lau orduko pausatze aldiaz eginiko panna cotta: 30 euro. Cañete jatetxea. 2013ko abuztuak 13. Eguneko menua bigarren poltsikoko herritarrentzat: supermerkatuko plastikozko poltsetan bildutako entsalada, oliba olioz; abeltegi erraldoietan metatutako oilaskoa; duela astebete ekoitzitako natillak: 12 euro. Cañete jatetxea. 2013ko abuztuak 13. Eguneko menua hirugarren poltsikoko herritarrentzat: entsalada, saltzeko epea duela bost egun pasatu zitzaion letxuga hosto horitzen hasiekin, olio industrial ez hilgarriarekin jantzia; hormonaz jositako txahalki puztua; hamar egunez epez kanpo dagoen jogurta, zapore garratzagoz baina oraindik jangarri eta ez kaltegarria: 8 euro. Bidaia denboran. Laster halakoak ikusteko aukera izango dugu, bi baldintza betez gero: batetik, Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministroak elikagaien iraungitze-data luzatzeko duen asmoak aurrera egitea; bestetik, jatetxeek euren menuan zer erabiltzen duten zehatz-mehatz argitzea eta bezeroek kalitatearen arabera ordaintzea. Badirudi lehen baldintza bete egingo dela. Jangaien kontsumorako lehenesten den data luzatzeko asmoaren berri eman du ministroak aste honetan. Haren ustez, ez da onargarria hainbeste jaki zaborretara botatzea, jateko moduan daudenean. Ez da portaera, are gutxiago krisi garaietan, beharraren itzalak lehen munduaren neoizko poza iluntzen duen honetan. Kontsumitzeko gomendatzen den epez kanpoko jogurtak jaten ditu ministroak, eta ez zaio ezer gertatzen. Cañete jaunak jogurt zaharrak jaten baditu, zer dela-eta izan behar dugu izenik gabeko herritar xume arruntok hain mizkinak? Batzuetan, baina, arazoa ez datza iraungitze-datan, ontziratze-datan baizik. Batzuetan —gertatu egin zait— bazoaz inguruko supermerkatu batera eta, maniatiko samarra zarenez, apalaren hondoko jogurtak edo atzekoak hartzen dituzu, iraungitze-denbora luzeagoa izango delakoan. Potea hartu eta: Kontsumitu hamabost eguneko epean. Eta ontziratze-datari begiratzen diozunean, konturatzen zara etzi ontziratutako jogurta erosten ari zarela, hau da, bi egun barru ontziratuko den produktua duzu… gaur! Eta pozik lehertzen zaude, denboran bidaiatzea, gizakiaren amets orain arte eskuraezina eskaintzen dizutelako Yogurin bidaiek. Bigarren baldintza betetzea zailagoa izango da. Egoera ekonomikoa hobea zenean jakien kalitatea eskasa zen jatetxe batzuetan, baina ordaindu beharreko euroek kalitate berdina izan behar zuten beti. Xerrak gerrarteko Mauleko espartinak baino sikuagoak ziren. Eta entsaladetako letxugak Gurutze Gorriko boluntarioen ahoz ahokoa behar zuen kolore apur bat hartzeko. Kontuak atera orain. Eta zer esan mahaiz mahaikoari buruz, birziklatutako janei buruz, alegia? Hona zer gertatu zitzaidan Nurenbergeko gaststätte tipiko batean, zerbitzari nengoela. Jatetxeak izen ona zuen eta jendez lepo egoten zen, batez ere asteburuetan. Mahai batetik platera erretiratu eta soberakinak sukaldeko zaborretara botatzera joan naiz eta hara non datorren ugazaba, korrika batean larri: «Nein, Herr Pastor!». Haragi puska bat dago platerean, haginkatu gabea. «Hau osorik dago, eta ez da botatzen. Hau gorde egiten da eta hurrengoan eskatzen dutenean labean sartu, plater garbian ipini, saltsa beroa bota gainean, eta prest!». Hori Alemaniako lander aberatsenean egiten bazuten 90eko urteetako krisirik gabeko garaietan, zer ez dute orain egingo, han eta hemen. Ahal izan nuen guztietan egin nuen kontzientzia eragozpena. Herr Schneider ondoan ez nuenean, noski. Selma, Beyonce eta Denzel 2013ko urtarrilak 26 Pucciren soineko beltz luzea, Christian Diorren berokia, Lorraine Schwartzen belarritakoak eta esmeraldazko eraztuna... Beyonce dotore asko joan zen Barack Obamak kargua hartzeko ekitaldira, bertan AEBetako himnoa kantatzeko. Haren itxurak eta AEBetako presidentearen emaztearen orrazkerak eta alaben arropek agintariaren hitzaldiak beste iruzkin eragin dute kasik. Obamak berdintasun mezua hedatu zuen Washingtonen. Hitzaldia historikoa izan zen. Lehen aldiz, AEBetako presidente batek homosexualen eskubideak aldarrikatu zituen halako ekitaldi batean. Ingurumena ere izan zuen gogoan, bakea... Eta berdintasuna. Berdintasunaren aldeko hitzak esan zituen. Baina nola garatu berdintasuna desberdintasuna han eta hemen sustraituta dagoenean? Obamak horixe aitortu baitzuen AEBetako egoera deskribatu zuenean: «Fidelak gatzaizkio geure sinesbideari neskato txiki batek, pobreziarik latzenean jaio denak, badakienean beste edozeinek izango duen aukera berak izango dituela arrakasta izateko». Askotan ahazten dugun errealitatea erakutsi ziguten haren hitzek: munduko potentzia ekonomiko, politiko, militar eta zientifiko handienean badira umeak, pobrezia latzenean jaiotzen direnak. Horretaz ohartu ginen Beyonce kantatzen ari zen bitartean? Unicefen datuen arabera, AEBetako haurren heriotza tasa Euskal Herrikoa baino handiagoa dugu. Hirugarren munduko Kubakoa baino handiagoa. Bestalde, AEBetako ume beltzen heriotza tasa ume zuriena halako bi da. Herritar guztiak berdinak omen dira, gara. Alta, Hollywoodeko aktore ospetsu baten alabak askoz aukera gehiago izango ditu bizitzan aurrera egiteko New Yorkeko Harlem pobrean jaiotako neskato beltz batek baino. Obamaren teorian horrek ez luke hala izan beharko, baina AEBetako praktikan halaxe izaten da. Beste kontu bat izango litzateke aktore horrek emaztea Harlemera eramango balu haurdunaldiko azken egunetan, bere amaren gaztetako bizilekuan erditzeko, mediku onenen laguntza ederki ordainduaz baliatuta. Eta neskato beltza jaio bezain laster Beverly Hillsera bueltatuko balira hirurak. Denzel Washingtonek hamalau urte zituen bere gurasoak bereizi zirenean. Amak, Harlemen haziak, New Yorkeko eskola militar batera bidali zuen mutila, haren bizitza okertzen hasia zuzentzeko asmoz. «Erabaki horrek nire bizitza aldatu zuen», adieraziko zuen aktoreak geroago , «ibiltzen nintzen bidetik ez nintzelako bizirik aterako». Urte haietan kalean gora eta behera harekin zebiltzan lagunek, guztira, «40 kartzela urte» eginak zituzten. Washingtonek, hainbat afroamerikarrek bezala, kalearen legea ezagutu zuen gaztetan. Washingtonek, hainbat afroamerikarrek bezala, Barack Obama sostengatu zuen iazko bozetan, hura AEBetako lehen presidente afroamerikarra izan zedin. Obamak berdintasuna defendatu zuen astelehenean : «Guk, herriak, adierazten dugu gaur egiarik argiena —gu guztiok berdinak sortu ginela dioena— oraindik ere badela gidatzen gaituen izarra: gure arbasoak Seneca Fallsen, Selman eta Stonewall-en zehar gidatu zituen bezalaxe». Hitz horiekin hiru gertakari garrantzitsu aipatu zituen Obamak, hiru mugarri AEBetako giza eskubideen aldeko borrokan: Seneca Fallsen (New York) emakumeen eskubideen aldeko lehen batzarra egin zuten 1848an. AEBetako mugimendu feministaren hasieratzat jotzen da bilera hori. Selman (Alabama) hasitako protesta martxak abiapuntua izan ziren arrazakeriaren aurkako eta eskubide zibilen aldeko borrokan, 1965ean. Lau urte geroago, 1969an, gay, lesbiana eta haien alde egin zuten herritarrak polizien aurka borrokatu ziren Greenwich Village auzoan, New Yorken. Stonewall Inn taberna izan zen haien ikurra. Obamak hiru gertakari horiek hartu zituen iraganetik, eta haien izpiritua goratu zuen etorkizunean benetako berdintasunerantz joateko. Teorian erraza da hori. Praktikan? Beyoncek ondo jarduten du beti. Live edo playback-en. Burusoilen kalea 2013ko otsailak 2 Barcenasek ordaindutako sosek bazterrak nahasi dituzte. PP susmopean dagoela esan du Alfonso Alonsok, alderdiaren bozeramaileak, Espainiako kongresuan. Dena argitu beharra omen dago. Lehenbailehen. Alonso zuzen dago. Eta oker: PP susmopean dago, baina ez soilik ustelkeria kasuengatik. Alderdia sorreratik bertatik egon da susmopean herri honetan, frankismoarekin izandako loturengatik. 1976. urtetik, hain zuzen. Askok eta askok PP nondik sortu zen ahanztarazi nahi digute. Alferrik da, baina. Francoren diktadura ofizialki bukatu eta gero, Espainiak Mendebaldeko Europakoen araberako sistema politikoa eratu nahi izan zuen, Pirinioetatik gora onar zezaten. Espainiako eskuinak eta ezkerrak alderdi politiko indartsu bana behar zuten, erreforma politikoaren prozesua bultzatuko zutenak, hura inolaz ere auzitan edo arriskuan jarri barik. Bi mutur ideologikoetatik urrun, alegia. Ezkerra Franco hil baino lehen hasi zen lanean. Sozialistek Suresnesko kongresua egin zuten, diktaduraren ondorengo garaiak prestatu eta Alderdi Komunista orduan indartsuari aurrea hartzeko. Isidoro and company-k sozialdemokraziarako bideari ekin zioten, Willy Brandtek eta François Mitterrandek lagunduta. Eskuinaren garaia 1976an heldu zen. Franco hil eta hilabete batzuetara Alianza Popular (AP) sortu zuten zenbait ministro frankista ohik: Licinio de la Fuentek —Francorekin 1969-1975eko tartean Lan ministroa izan zen—; Laureano Lopez Rodok —Francoren Atzerri ministroa, erregimenaren ordezkaria munduan barrena—; Federico Silva Muñoz eta Gonzalo Fernandez de la Mora Lan Publikoen ministro frankista ohiek eta Manuel Fraga Iribarnek, 1962-1969. urteak bitartean Informazio eta Turismo ministroa izan zenak. Batzuentzat, Fraga gorrotagarria; beste batzuentzat Don Manuel maitagarria. Don Manuel PPren sortzaile eta presidentea izan zen, Galiziako presidentea, senataria... Fragak, Euskal Herrian ondo ezagunak, Julian Grimau komunistaren exekuzioaren alde egin zuen 1963an, ministroa zenean. Aurten beteko dira 50 urte gerra zibileko azken hildakoa deitu zutena exekutatu zutenetik. Kennedyk, Joan XXIII.ak eta hainbatek gupida eskatu zuten, baina ezer ere ez. Francok Grimauren exekuzioa bozkatzeko eskatu zuen ministro kontseiluan. Hilketa aho batez adostu zuten denek. Jorge Semprunek ezin argiago esan zuen urte batzuk geroago: «Grimau fusilatu zuten ministroetako bat izan zen Fraga». Fragak bizitzaren ia azken unea arte jardun zuen politikan. Espainiako demokrazia bitxiaren ikurretako bat izan zen. Bitxia, zeren... zer demokraziak eskatzen du Txiki eta Otaegi frankismoaren kontra jardundako borrokalarien omenezko kale-izenak ezabatzeko eta busto bat jartzen du senatuan, diktadurako ministroa izan zena gogoratzeko? McCarthy senatariak, sorgin ehiza bultzatu zuenak, ba al du estatuarik AEBetako Senatuan? Ez. Fragak, 25 años de paz lelo frankista hura gure kaleetan ezarri zuenak, ordea, badu Espainiakoan. Don Manuelek inoiz ez zuen frankismoa gaitzetsi. Behin, Galiziako Legebiltzarrean, Argentinako eta Txileko diktadurak arbuiatzeko eskatu zioten. Fragak erantzun zuen soilik jainkoari eta konfesoreari eskatzen ziela barkatzeko. Halakoak esan zituena presidente izan zuen alderdiak zer dela-eta eskatu behar dio orain inori ezer gaitzesteko edo barkamena eskatzeko? Horregatik guztiagatik egon da beti PP susmopean. Genesia, sustraiak, frankismoan dituelako. Ez soilik ustelkeriagatik. Duela urte batzuk, Santa Cruz de Tenerifen paseatzen nenbilela, Rambla del General Franco aurkitu nuen. Diktadorea hil eta 30 urtera PPk ez zuen haren izena kendu kale nagusi hartatik. Haurtzarora itzultzearen sentsazioa izan nuen: Cola Cao, mortadela, igande goizeko zinema... Izan ere, umetan Calvo Sotelo zeritzon kalean zegoen gure etxea. Non bizi nintzen galdetzen zidatenean, «kalboen kalean» erantzuten nuen txantxetan. Ilea nuen artean, baina banuen neure patuaren berri, antza. Gillotina 2013ko otsailak 9 Arturo Perez Reverte idazle espainiarrak esan zuen, luze ez dela, Espainiako sistema politiko eta sozialaren gainbehera morala arrazoi historiko batengatik gertatu dela: behar zen garaian, Madrilgo Puerta del Solen gillotina bat jarri ez zutelako, monarkiari eta kleroari lepoa mozteko. Haren ustez, gauzak hobeto egongo lirateke gaur, halakorik izan balitz. Ez da seguru errepublika batean, edonon dela ere, ustelkeria monarkia batean baino txikiagoa denik: areago, historiak frogatu du ez dela horrela. Hala ere, errepublika demokratiko batean herritarrek badute aukerarik presidentea kargutik kentzeko. Presidenteak kargua utzi eta gero, hura epaitzeko bideak ere badaude, nahiz praktikan badakigun hori gertatzea ez dela hain erraza. Jacques Chirac Frantziako presidentea, esaterako, auzipetu egin zuten kargua utzi ostean. Azkenean, Chiracek ez zuen prozesuan parte hartu bere osasun egoera zela eta. Hego Euskal Herria administratzen duen monarkian ez dago estatuburua epaitzeko modurik. Herritarrek ezin dute erregea botoen bidez kendu. Errege hori, kargua utzita ere, ezin da auzipetu. Espainiako konstituzioak bortxaezintasuna eta arduragabetasuna bermatzen dizkio erregeari, 56.3 artikuluan: «Erregearen pertsona bortxaezina da, eta ez dago ardurari lotua». Honek aforismo britainiar bat du oinarrian: The king can do not wrong. Alegia, erregeak ezin du gaizki jokatu, ezin du kalterik egin. Erregea humanoa ez dela esaten ari zaigu horrela, nolabait iradokiz jainkoari lotuta dagoela. Erregea perfektua da; inoiz ez du hutsik egiten. Beraz, hari ez eskatu konturik. Erregea ezin da epaitu. Ez dirudi harekin zuzeneko odolkidetasuna dutenak epaitzerik dagoenik. Haren odolkideekin oheratzen direnak, aldiz, epai ditzake justiziak. Horra hor zer gertatzen ari zaion Zumarragan jaiotako euskal herritar bati. Ustez egindako lapurreta galantak direla eta, zortzi milioi euro pasatxo eskatu dizkiete fidantza moduan hari eta haren negozio lagunari. Bietako inork ez du ezer ordaindu orain arte. Hori ez egiteko, Urdangarinek ez du argudiatu dirurik ez duela, baizik eta sos horiek emateak «modu bidegabean pobretzea» eragingo liokeela berari, eta «modu bidegabean aberastea» dirua jasoko luketenei. Ez dago guztiz frogatuta dirutza izugarri baten atzean beti egoten denik lapurreta handi bat. Atzeman gabeko lapurreta izugarri handi baten atzean, ordea, dirutza handia egoten da beti. Urdangarinek modu justuan aberastu ote zen galdetu beharko lioke bere buruari, hain modu justuan, non orain itzelezko bidegabekeria izango litzatekeen pilatutako sosak kentzea. Agian, patente bat aurkitu eta garatu zuen, merkatuan arrakasta paregabea lortu zuena: pixoihal lehor zoragarria, sistema magiko bati esker inoiz bustitzen edo zikintzen ez dena, ume jaioberriari mundura sortzen den unean jarri eta esfinterrak kontrolatzen dituen egunera arte erabiltzen dena. Pixoihal bakar bat haur bakoitzeko. Pentsatu egunean zenbat ume jaiotzen diren munduan. Pentsatu zenbat diru aurreztuko luketen familiek, ume horiei pixoihal magiko bana erosita. Pentsatu zenbat irabaziko zuen duke empalmado batek, halakorik garatu balu. Alta, Urdangarinek bestela egin du dirua, antza. Beraz, ez da «modu bidegabean» pobretuko. Herritarrek, aldiz, pobretzen segitzen eta segituko dute. Modu bidegabean. Haserrea gero eta handiagoa da gizartean. Haserrea, sumina eta, areago, gorrotoa hedatzen ari dira, pobreziaren bidea eraiki dutenak aberastasun iraingarrienean bizi direla ikusita. Duela astebete Madrilgo kaleetan ustelkeriaren kontra egindako kontzentrazioetan «gillotina, gillotina» oihuak entzun ziren. Herenegun, bi iruzkin hauek irakur zitezkeen El País egunkariaren edizio digitalean, Barcenasi eta gainerakoei buruz argitaratutako albiste baten ondoan: «ETA, vuelve!», «ETA mata a los corruptos». Anaïs, Anaïs 2013ko otsailak 16 Jean de la Bruyerek esan zuen hiru gertakari garrantzitsu baino ez daudela gizakiarentzat: jaiotzea, bizitzea eta hiltzea. Jaiotzeaz ez gara ohartzen; hiltzean sufritu egiten dugu eta bizitzeaz ahazten gara. Bizitzeaz ahazten gara, baita maitatzeaz ere... San Valentin egunean izan ezik. Opariak, musuak, poza... San Valentin egunean urteroko marketina azaltzen da. Aurten ere, amodioaren merkatuaren apologia egiten duten ideiak azaldu dira, horietako bat kulturari lotuta: Bartzelonako Poliorama antzokian eskaintza erakargarria egin dute. Bertara joan eta maitasun keinua edo ekintza egin duten bikote guztiei 2x1 bat oparitu diete antzezlan bat ikusteko: T'estimo, ets perfecte… ja et canviaré. Elkarri musu eman eta biak sartu, baten prezioan. Promozioan ez dute argitu txartel saltzaileak nola neurtu behar zuen bikotearen erakustaldia, besarkada bat nahikoa izango zen edo torloju-musua eskatuko zuen. Eta horrek nola eragingo zion bikoteari? Hara, musu zalea ez den pertsona bat, lehor eta gainera xuhurra, egunean musu bat besterik ematen ez duena: «Gaurko musua antzerkiko atean emango dizut, maitea. Ondo inbertitua izango da». Maite zaitut, perfektua zara … aldatu egingo zaitut izeneko musikalak arrakasta handia izan du Broadwayn, eta horren adaptazioa Katalunian dago orain. Joe di Pietroren eta Jimmy Robertsen obrak bikoteen harremanetan izaten diren aroak taularatzen ditu, ironia finez jantziak: lehen hitzordua eta lehen txinpartak, ezkontza, umeen etorrera, ohikeria, zahartzaroa, ikuspuntu umoretsuz beti. Lanaren izena esanguratsua bezain anbiguoa eta kontraesankorra da: maite zaitut, perfektua zara... aldatu egingo zaitut. Norbaitek maite zaitu, zerbait duzu, zuregana erakartzen duena. Baina, beste alde batetik, perfektua zara, perfektua aurrean duzuna nazkatzeraino. Eta aldatu egin nahi zaitu. Zure izaera aldatu edo... beste maitale edo bikotekide baten truke aldatu, zu baino inperfektuagoa izango dena. Humanoagoa, alegia. Kontsumozko maitasuna saltzen digute, urtero, San Valentin egunean. Eguberrietan turroizko onberatasuna eta derrigorrezko eskuzabaltasun fariseua bezalaxe. Maitasunari buruzko aholkuek eta amets erromantikoek zulatzen dizkigute belarriak. Zaila da horren atzaparretatik ihes egitea. She jartzen dute irratietan —ahaztu Notting Hill, Julia Roberts eta Hugh Grant, baita Elvis Costello ere, eta gozatu Charles Aznavourren ahotsaz—, baina hori ez da nahikoa izaten San Valentin eguneroko beste egun bat bezalakoa dela ahazteko: maitasunaren egunean ere hiltzen du maitasunak, urteko beste egunetan bezala. Pistoriusek lau tiro egin dizkio neskalagunari. Eta munduan barrena milaka eta milaka emakume irten dira kalera, I'm rising kanpainaren barruan, dantza eta aldarrikapenak lotuz beren aurkako indarkeria salatzeko. Joan den mendean pertsona gutxi izan zen maitasun harremanetan Anaïs Nin baino joera apurtzaile handiagoekin. Haren pentsamolde feministan, baita zentzu humanoan ere, bizimodu burges eta kontraesankorrean izan arren. «Amodioa da guztia urre bihur dezakeen alkimista bakarra; amodioa da heriotzaren, zahartzearen eta ohikeriazko bizitzaren aurkako sorgintasun bakarra», azaldu zuen Henry Millerren eta beste zenbaiten amoranteak. «Haragiak haragiaren kontra perfume bat sortzen du, baina hitzen talkak sufrimendua eta banaketa besterik ez du ekartzen», deskribatu zuen idazleak. Anaïs Nin 1977an hil zen, obarioetako minbiziak jota. Handik urtebetera, confettizko maitasunaren merkatariek haren izena jarri zioten lurrin bati. Anaïs Anaïs is a ultra-feminine fresh, rich and romantic bouquet of flowers, dio Cacharelen webguneak. Perfume erromantiko ultra-femeninoak 35 San Valentin bete ditu gure artean. Bitartean, Anaïsen haragizko perfumeak lehen bezain fresko segitzen du, maitasun kitsch-aren kiratsetik urrun: «Kulpak, beldurrak, inpotentziak bihurtzen ditu gizonak krudel». Anaïs, Anaïs. Portugal, Kuba eta... 2013ko otsailak 23 Lagun bat daukat, euskaldun-alemaniarra. Estatukidetasun alemaniarra hartu zuenean, uko egin behar izan zion espainiarrari, eta pasaportea bueltatzera joan zen Espainiak Munichen duen kontsulatura. Kontsulak berak hartu zuen, eta hantxe ibili zitzaion, atzera egitekokonbentzitu nahian, ba ote zekien «espainiarra izatearen ohorea» zer zen eta abar. Lagunak kasurik ez. Alemaniarra da pasaportez. Eta euskalduna, hizkuntzaz eta bihotzez. Espainiarrak nazionalistak ez direla entzuten dudan bakoitzean Municheko kontsula datorkit burura. Baita beste euskaldun-alemaniar baten esana ere. Andre alemaniar batekin ezkonduta dago, eta pasaporte espainiarrari uko egina da hura ere: «Espainiarrak ez dira nazionalistak, ez horixe! Ahal izanez gero, flamenkoa dantzatzen jarriko lukete Bundestag osoa». Espainiarra izatearen ohorea ematen digute eta guk ezetz erantzun. Logikoa da hainbat espainiar gurekin haserretzea. Edo ez ulertzea zergatik agertu duen Oriol Junquerasek bereizteko asmoa, Madrilgo egunkari batean: «Espainiak Katalunia galduko du, Kuba, Portugal eta Herbehereak galdu zituen bezalaxe». ERCko buruak argi utzi du Espainiak erreferendumik onartzen ez badu, bozak izango direla: «CiU eta ERC puntu bakar batekin aurkez gintezke: independentzia». Horixe erronka. Asteon ere datu hauek azaldu dira: katalanen %54k independentziaren alde egingo lukete, orain erreferendum bat egingo balitz. Inkestak kontu handiz irakurri behar dira, baina egia da gizartearen termometroa izaten direla sarri. Eta Kataluniako errealitatea hauxe da: azken inkestetan ez dela nagusitu independentziaren kontrako boto-asmoa. 2014an bozak izan eta ERC-CiUk independentzia eskatuz irabaziko balu, zer egingo luke demokrazia espainiarrak? SNP Eskozian nagusitu zenean, hauxe azaldu zuen David Cameron lehen ministro britainiarrak: ez zegoela independentziaren alde, baina, erreferendumaren aldeko mezuak irabazi zuenez, gizarte eskoziarrak erabakitakoa errespetatuko zuela. Eta erreferenduma egin egingo zela. Horixe British eta Spanish demokrazien arteko desberdintasuna. Katalan txepel zuhurrak, independentziarantz. Euskaldun gogor artezak, berriz… Felipe Gonzalezek adierazi zuen behin Euskal Herriko egoera «ordena publikoaren kontu bat» baizik ez dela. Kasualitatea izan edo ez, 1984an egin zituen adierazpenak, GAL sortu berria zela. «Benetako arriskua», Gonzalezen ustez, «el hecho diferencial catalán» da. Beste presidente demokrata batek, Leopoldo Calvo Sotelok, ondo ulertu zuen hori: «Bultzatu egin behar da gazteleraz egiten duen jendeak Kataluniara eta Valentziara emigratzea, bermatzeko horrek berez dakarren sentimendu espainiarrak bizirik segituko duela». Hizkuntza, nortasunaren oinarri. 2001ean Juan Carlos Borboikoak esan zuen Espainiak inoiz ez zuela inor behartu espainieraz mintzatzera. Lotsatuko ote zen? Hala izan bazen, ez ginen konturatu: masailak gorri-gorri ditu normalean. Espainiaren politika suntsitzaile asimilazionista ez da soilik Kataluniara mugatu, baina argi dago hantxe lortu dituela emaitza eskasenak. Gizarte katalana gero eta kohesionatuago dago. Katalan subiranistak bozetara elkarrekin joateko prest daude, gehiengo sozial argia dutela frogatzeko. Euskal Herriko zati populatueneko gizartea ordezkatzen duen ganberan ere gehiengo argia dute subiranistek baina subiranista teoriko-pasiboek nahiago dute unionista praktiko-aktiboekin hitzarmena sinatu. Horrela, ditxosozko 2015ean, gure nazioa haziago egongo omen da Europan. Hala segituz gero, Katalunian Euskal Herrian baino arinago ikusiko ditugu Juan Carlos I.a, Felipe VI.a edo Espainiako hirugarren errepublikako presidentea, inperioaren politikak historian zehar eragindako mina sentitzen dutela esateko. Ez dute zertan barkatzeko eskatu, eskertuko balitzaie ere. Sentitzen dutela aitortzearekin nahikoa izango da. Yolanda 2013ko martxoak 2 Yolanda Gonzalezen hiltzaileak Espainiako Segurtasun Indarrentzat eta Ertzaintzarentzat egin du lan. Militante faxistak «oso eskola interesgarriak» eman zizkion Ertzaintzari 2008an. Horixe adierazi zuen atzo Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Emilio Hellin Moro inolako penarik erakutsi gabe atera zen kartzelatik. Zigor gogorra jaso zuen: 43 urte. Irteteko baimenak izan zituen eta horietako batean Paraguaira alde egin zuen. Guztira hamalau urte egin zituen barruan. Libre utzi zutenean izena aldatu zuen, eta listo. Azken urteetan gu guztion dirua eman diote Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Gu guztiona: Rubalcabak, Fernandez Diazek edo Balzak ez dute diru hori euren poltsikotik ordaindu. Hogeita hamahiru urte igaro dira Hellinek Yolanda hil zuenetik, baina garai haiek ez dira erraz ahazten. Dena egiteko zegoen; dena aldatuko genuela pentsatzen genuen. Ilusioa, idealismoa... Sentsazio eta ideia bizigarriak, baita arriskutsuak ere, nondik ikusten den. Mikel, Benito, Errobi eta Itoizen abestiak kantatzen genituen. Eta tartean Silvio eta Pablorenak ikasten genituen. Debo partirme en dos, Ojalá, Yo no te pido... Eta Yolanda. Eternamente Yolanda. Eta kolpetik beste Yolanda bat agertu zen. Eta errealitatea ez zela soilik bertsoa gogorarazi zigun. 1980ko otsaileko lehen eguna zen. ETAk sei guardia zibil hil zituen Ispasterren (Bizkaia). Bi ETAko kide ere hil ziren atentatuaren ondorioz: Goio Olabarria eta Xabier Gorrotxategi. Eskuin-muturrak mendeku hartu zuen Euskal Herrian eta Espainian. Handik ordu batzuetara, BVE Batallón Vasco-Español taldeak Jesus Mari Zubikarai Jhisa ondarrutarra hil zuen Eibarren (Gipuzkoa) eta Yolanda Gonzalez bilbotarra Madrilen. Hellinek eta bere taldekideek bahitu zuten hemeretzi urteko gaztea. Yolanda PST Langileen Alderdi Sozialistakoa zen. Alderdi trotskista eta espainolista bateko kidea, gure orduko terminologian. Hala ere, faxistek euskal herritarra zelako hil zuten. Buruan bi tiro egin eta hor utzi zuten, eremu hotzean botata: jertse eta praka ilunak soinean; lauburua lepoan. Ez da oso harrigarria izan zenbait alderdi politikoren erreakzioa Hellinen aferaren berri izan bezain laster. Ez PSOEk ez PPk ez dute oso ozen hitz egin. Ez dute dimisiorik edo garbiketarik eskatu. Ulertzekoa da: batak ezin du auzia erabili bestearen kontra egiteko. Biak dira horren arduradunak. Hellinen zerbitzuak Estatuak kontratatu zituen. Inork ere ez zekien haren nortasunaren berririk? Sinesgaitza, benetan. Baina hala izan balitz ere, erantzukizun politikoa ekarri beharko luke horrek. Egunotan ez dira entzun terrorismoaren biktimen zenbait elkarteren ohiko oihuak. Ez kexarik, ez protestarik. Talde horietako inork ez du Hellin kasua auzitara eramateko asmorik agertu. Erakunde publikoek Hellin kontratatzea ez al da biktimei iraina, burla egitea? Ez. Yolanda ez zen terrorismoaren biktima izan. AVTren webgunean sartu, eta jo 1980ko otsaileko datuetara: ez Jhisa, ez Yolanda ez dira existitu ere egiten. Bi familia, bi etxeren saminaren arrastorik ez. Terrorismoaren biktimak berdinak direla esan izan dute behin eta berriro. Gezurra. Denok dakigu mina, pena, etsipena, galera, bai, berdinak direla. Baina biolentziaren erabilera, ez. Duela gutxi irakurle-korrespontsal batek hauxe idatzi zuen La Vanguardia egunkarian Atenastik, Greziako krisia eta istiluak hizpide: «Biolentzia biolentzia izango da beti, baina hura erabiltzeko arrazoiak ez dira etikoki berdinak. Abusatu eta erasotzeko erabiltzen den biolentzia eta abusuari eta erasoari aurre egiteko erabiltzen dena ez dira berdinak». Biolentzia guztiak ez dira berdinak. Lehen ere bagenekien hori, baina orain are argiago utzi digute beste aldetik. Biktima guztiak ez dira berdinak. Yolandak gogorarazi digu hori, hogeita hamahiru urte geroago. Yolanda. Jertse eta praka ilunak soinean; lauburua lepoan. Yolanda, eternamente Yolanda. Ahaztuen komandantea 2013ko martxoak 9 Populista, pailazoa, diktadorea... Munduko eskuinak ezin izan du Hugo Chavezen kontrako gorrotoa ezkutatu, ezta hura hil eta gero ere. Munduko progresiak ere bere egin ditu, askotan, hitz horiek. Hedabide independente gehienak saiatu egin dira Venezuelako presidentearen lan sozialaren emaitzak ezkutatzen eta alde ilunak agerrarazten. Alta, haien irainek ezin engainatuko dituzte bertako herritar pobreenak: kritikak kritika eta hutsak huts, Chavezen agintaldiak argia eman dio euren bizimodu ilunari. Nazio Batuen Erakundearen datuei begiratzea besterik ez dago. Politika soziala bozetan lortutako garaipenari esker garatu zuen Chavezek, Carter Center erakundeak laudatu dituen hauteskunde gardenetan. Presidenteak behartsuenen aldeko lana egin zuen, baina hori ez digute sarri azaldu hemen. Albistegietan Venezuelako presidentearen irudiak ikusi ditugu. Rancherakkantatzen ari da, con dinero o sin dinero, hago siempre lo que quiero, y mi palabra es la ley. Ez digute kantaldiaren ondoko benetako ekitaldiaren berririk eman: txiroentzat eraikitako eskolak irekitzea, osasun zentroak, etxebizitzak... Eta geure mendebaldeko paternalismo laidogarriaz begiratu diogu indio populistari. Zer bitxia den morroia, papagai bat dirudi txandal koloretsu horrekin. Ez zaizkit rancherak gustatzen; ez dut gustukoa bularrean gurutzea zintzilikatu eta hari musu ematea agerraldi publikoetan, baina horrek ez dit Venezuelako presidentea izandakoaren lana ahantzaraziko. Presidenteak herri xumearekin konektatzen jakin zuen. Populista? Eta zer? Nor gara gu hori epaitzeko geure talaiatik? Ez zaigu gustatzen nola egiten zuen politika. Gure modu hotz aseptikoan egin behar zuen politika Chavezek, venezuelar batek, venezuelarrei bere mezua helarazteko? Venezuelar askok ez dute ulertuko zergatik doazen hemengo politikariak bizikletan hauteskunde kanpainan, ez baitute jakin behar Euskal Herrian txirrindularitzak zer-nolako zaletasuna duen; ez dute ulertuko zergatik gure politikari zintzoak dabiltzan hain jator marmitakoa eta paellak prestatzen. Eta zer? Ez dugu ulertzen zergatik irten diren milioika herritar kalera, negarrez. Zeinen teatrero eta zuriak diren panchito eta morenito hauek. Euskaldunok oso gogorrak gara; inoiz ez dugu negarrik egiten jende aurrean, eutsi egiten diogu, bihotza hamaikagarren katxi-katxian ito arte. Orduan andreak utzi egin gaituela aitortzen diogu, negar-zotinka, tabernako zerbitzariari, geure goibeltasunaren zaindariari. Ez dugu ulertzen zergatik mestizo morocho horiek dauden kalean aieneka, Chavezen erretratuak eskuetan. Zer egin du haien idolo bihurtzeko? Izena eman die izenik gabekoei; izena eman die izenik ez zuten herritar pobreenei; izena eman die haien esperantzei; duintasuna, ordura arte handi-mandi zurien gorrotoa edo mespretxua besterik jaso ez zutenei. Chavez pobreen komandantea izan zen, Maria Toledano kazetariak idatzi duenez. Ahaztuen komandantea. Non zeuden Chavez kritikatzen dutenak eta milioika herritarren dolumina ulertzen ez dutenak komandantearen aurreko garai latzenetan? Non geunden? Ez dugu ulertzen, eta barre egiten dugu. Gu beste galaxia batean bizi gara —noiz arte?—. Geure mundu oparo baina tristean funtsezko giza eskubideen mailara igo dugu Internet dohainik izatea. Beste herrialde batzuetan, aldiz, ez dute zuntz optikoarekin amets egiten. Ez dituzte 100 mega nahi, 100 gramo ogi baizik. Ahaztu egiten dugu munduko hainbat lekutan milioika eta milioika izenik gabeko daudela. Ahaztu egiten ditugu ahaztuak. Chavez, ordea, ahaztuekin gogoratu zen, bera ere horietako bat izan baitzen umetan: palmazko etxe batean bizi zen, lurrezko horma eta zoruarekin. Etxola moduko aterpea zen, euri asko egiten zuenean urak hartzen zuena. No tengo trono, ni reina, ni nadie que me comprenda, pero sigo siendo el rey... Populista? Eta zer? Stasi Zarautzen 2013ko martxoak 16 Das Leben der Anderen —Besteen bizitza— filmak Ekialdeko Alemanian zegoen erabateko kontrolaren berri ematen du: jendea atxilotu eta galdekatzeko erak, baita etxekoen artean salaketak bultzatzeko moduak ere. Protagonista Stasiko kidea da, eta Berlingo herritarrak zelatatzen ditu. Errepresioa jaun eta jabe zen orduan. Alemanian ez ezik, kanpoan ere bazeuden espioiak eta kolaboratzaileak. Atzerrikoen burua Markus Wolf izan zen, 1953-1986ko tartean. Haren taldekoei Romeo espioiak deitzen zieten, Mendebaldeko erakundeetan lan egiten zuten emakume idazkariak seduzitzen baitzituzten informazioa lortzeko. Wolfek horren guztiaren berri eman zuen gero, bere oroitzapen-liburuan. Filmean alderdi bakarraren inguruan eraikitako gizartearen alde errepresiboa baino ez da ageri. Beste aldean, alderdi anitzen sistemako gizartean zer gertatzen zen, arrastorik ez. Hor demokrazia liluragarria zegoen, antza. Ezer gutxi esan zaigu orain arte Adenauerren garaietatik Alemaniako Errepublika Federalean eraikitako inteligentzia sistemaren errepresio leun baina eraginkorrari buruz, batez ere Alderdi Komunista debekatuta egon zen garaietan —1956tik 1968ra—. Stasi hitza deabruaren sinonimo bihurtu digute. Hori dela eta, konnotazio jakin batzuk ditu egun, mingarriak, iraingarriak. Hara Joseba Egibarrek duela aste pare bat zer esan zuen, Gipuzkoako Diputazioak Bidegiren zenbait dokumentu eskatu zizkienean EAJren agintaldian erakunde publiko horretako arduradunak izan zirenei: «Bildu Stasi alemaniarra bezala jokatzen ari da». Jakin egin behar Bilduk informazioa eskatzeko bidalitako faxak zer zioen: mehatxu egiten ote zien Bidegiko lehenagoko arduradunei, haien senideak lanetik botatzeko mehatxua, seme-alabei unibertsitatean sartzen ez uzteko edo lanik gabe uzteko. Badirudi ezetz, bestela fax hori egunkari guztietako azaletan agertuko zen, eta Amnesty International eta Human Rights Watch erakundeek persona non grata izendatuko zituzten Martin Garitano eta Larraitz Ugarte, besteak beste. Aste honetan EAJrekin lotutako ustezko espioitza kasu bat epaitu dute Araban. Telleria auziak bai gogoraraz ditzakeela Stasiren zelatatze metodoak. Errugabetasun-presuntzioari eutsita ere, zenbait lagun ez daude egoerarik onenean orain aurkari politikoari Stasiko kidea izatea leporatzeko. Egia da herri kafkar honetan Stasiren itzala edonon aurki dezakezula, nahi izanez gero. Denbora luze ez dela, Donostian manifestazioa deitua zen leku batera joan nintzen. Han lagun batekin topo egin, eta harekin aritu nintzen hizketan. Handik egun batzuetara berriz elkar ikusi, eta hauxe esan zidan: «Eskerrak lehengoan nirekin hizketan ikusi zintuzten. Gero, emakume batzuk etorri zitzaizkidan nor ote zinen galdezka, zera esanez, estaziotik segitu zizutela, manifestazio lekura jaka jantzita zentozelako, zu bakarrik». Urte batzuk lehenago, beste manifestazio baten inguruan geundela lagun bat eta biok, eta hara non hasi diren andre batzuk oihuka, gure aldera begira. Guk burua bueltatu dugu, «nor izango ote da, ba», eta haiek: «No disimuléis, txakurras, que ya os llegará la hora». Stasikoak ote emakume haiek? Eta gu? Gestapokoak? Stasi Gipuzkoan? Ez dakit, ba. Markus Wolf 1986 arte izan zen informazio zerbitzuetako erakundearen atzerri arduraduna. Doi-doi, baina denbora izango zuen, nahi izanez gero, Zarautzera Romeo espioi batzuk bidaltzeko Karlos Garaikoetxearen idazkariren bat liluratzeko, edo Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren etxean entzuketak prestatzeko. Izan ere, entzuketa horiek 1986an egin zituzten. Wolfen azken lantxoa izango zen, baina hark ez zuen horren berririk eman bere oroitzapenetan. Beraz, nork zelatatu zuen Garaikoetxea? Stasi alemaniarrak ala euskal Stasik? Ez Egibarrek salatzen duen ezker abertzalearen Stasik, Alderdiak urte haietan kudeatzen zuen poliziaren Stasik baizik. Alderdiak, bai. A larriz, noski. 'Malaka' 2013ko martxoak 23 Dirua ateratzeko bankura joan dira Zipreko herritarrak, baina ezin izan dute nahi zuten moduan eskuratu. Haien bizitzaren esparru ekonomikoari buruz erabakitzeko eskubidea ukatzen die, nahi izanez gero, kapitalak. Dirua koltxoipean gordetzen zuten garaiaz gogoratu dira Zipreko birraitona-amonak. Eta haietako batzuek ezin izan diote irribarre maltzurrari eutsi birbiloba handiustekoa biraoka ikusi dutenean, bankuak dirua blokeatu diolako. Malaka... Europak tabu bat hausteko keinua egin du: 100.000 eurotik beherako kontuak sakratuak omen ziren, baina Zipreko krisiak abisua eman digu. Edozein momentutan, gauzak okertuz gero, denoi ken diezagukete dirua. Sosak burtsan sartzen dituenak badaki zertara doan: diru asko irabazi gura du, baina galtzeko arriskua ere badago. Dirua bankuan gordetzen duenak, berriz, leku seguru batean izan nahi du, etorkizunean komeni denean eskura izateko. Besterik ez. Baina... Gure aurrekoek ez zuten bankuen beharrik. Egunean bizi ziren; ez zuten gehiegi, eta ez zuten gehiegi eskatzen. Garai batean soldata gutun-azal batean eramaten zuten langileek etxera. Baina bankuek beraiekin seguruago egongo ginela esan ziguten. Banku bidez kobratzen hasi ginen, gero txartelak eman zizkiguten... Zer boteretsu sentitzen ginen txartelak erakusten: Amex, Mastercard, Barclays... aukeran kanpoko bankuak, globalizazioa bai, ez hemengo artaburuak. Orain gero eta jende gehiago dabil aurrezki-libretaz dirua ateratzen; gero eta gehiagok utzi diote txartel bat baino gehiago izateari, kuota gehiago ez ordaintzeko. Gelditu egin gara, eta gero eta premia gutxiago sentitu, halabeharrez. Eta une batez begiak itxi ditugu, eta geure burua askatzen hasi gara, atzeranzko martxan. Internet zer den ahaztu dugu; geure munduaren kezka nagusia jadanik ez da WhatssAp-ek urtean 85 zentimo kobratu nahi dizkigula, eskuko telefonoa zer den ere ez dakigulako. Eta gaztetuz joan gara, baina geure jaiotzerantz, Benjamin Button ez bezala. Teknologia berririk gabeko garaietara itzuli gara; etxean paperezko egunkari bat dago, bakarra; praka motzak jantzi ditugu, geure pubisean lehen aldaketak sumatu bezain laster praka luzeak janzten genituelako udan eta neguan; mortadela eta txokolatea txandakatu ditugu meriendan; tintaz zikindu dugu eskolako bata; etxera heldu eta telebista ikusten hasi gara, zuri-beltzean, bi kate baino ez. Tximino aurpegia duen albistegiko aurkezlea dago pantailan, eta eguraldi gizon antiojodun, antigoaleko aurpegi baina benetako meteorologoa, ez etengabe poseak egiten dituzten emakume lirain ez-meteorologoak. Eta bizilagunak txirrina jo du, etxean guretzako telefono dei bat jaso duela esateko. Eta amonari dirua eskatu diogu kilo bat gerezi erosteko eta ezetz, berak ez duela dirua koltxoitik aterako, dendara joateko, fidantzan emango digute eta. Eta azken gerezia jan dugunean mundua behetik gora ikusi dugu, handia oso, lau hankatan gabiltzalako, gero eta mantsoago, denak erraldoiak dira inguruan, apenas ezagutzen ditugun, gero inor ez, eta konturatu orduko zulo batean sartu gara. Zulo epel, gozo, erosoa da, laztantasunaren bizi-arnasaz elikatzen gaituena, gorroto edo gaiztakeriarik ez dagoena. Han galdu gara neurtu ezinezko iluntasun bero hezean, jadanik ez baitakigu denbora zer den, eta ez-mundu baterantz abiatu gara. Eta geure ez-mundu horretan mutil gazte bat ikusi dugu, gure ez-sudurra duena eta neska bat, gure ez-begiak dituena, eskutik helduta. Parkean eseri dira eta musu garbi bat eman diote elkarri, zaindari dabilen guardia inguruan ez dagoela aprobetxatuta. Eta mutilak etxeko atariraino lagundu dio neskari, eta galdetu dio zer izango litzatekeen moduren bat egongo balitz, biek, nor bere etxean dela, aldi berean elkar ikusi eta elkarrekin hitz egiteko aukera izango balute, urruntasunean hurbil sentitzeko, biharamunera iristea eternitatea delako. Malaka... 'Elanchove' 2013ko martxoak 31 Munduko eskola guztietan dago mapa bat, ikasleek txikitatik identifika dezaten euren estatua. Mapek herri baten eraikuntza sinbolikoa osatzeko balio dute. Psikologikoki kolonizatzeko eta kultura edo hizkuntza nagusia inposatzeko tresnak ere badira. Caja de Ahorros Vizcaína aurrezki kutxak frankismoan ateratako mapako toponimia ikusi besterik ez dago: Valmaseda, Vedia, Galdácano, Guernica… Errealitate geografikoa distortsionatzen da, batzuetan, mapetan: Kanaria uharteak Andaluziaren ondoan jartzen ditu telebista espainiarreko mapak. Espainiaz kanpoko atzerritar batek esan zidan behin munduko mapari begiratu arte uste zuela Kanaria uharteak Cadiz ondoan zeudela, «ez Afrikan». Aste honetatik aurrera Euskal Herria inoiz baino berdeago dago gure etxeetan. Eguraldiaren mapa aldatu du Euskal Telebistak: bertsio berrian zazpi probintziak ageri dira, intentsitate desberdineko kolore berdexka nabar samarrekin. Kolore aldaketa bakoitzak banaketa administratiboa bereizteko balio du. Batetik, Espainiak administratutako Euskal Herria dugu: Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa. Bestetik, Frantziak administratutakoa, ezagutza ofizialik gabekoa: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Mingarria izan daiteke administratutako hitza Aberri Egunean irakurtzea. Gaur independentzia askoren ahotan egongo den arren —batzuen kasuan bihotz-bihotzez; besterenean, aho handiz baina gogo txikiz— errealitateak hauxe dio: gure herria Espainiak eta Frantziak administratzen dutela. Modu desberdinez, noski, baina azken hitza Madrilek eta Parisek dute. Eta komeni denean gogorarazten digute, sobera oldar ez gaitezen. Dagoena dago; ez dagoena balego … Ibarretxeren garaian ETBko albistegian zegoen mapa guztiz irreala omen zen. Izan ere, Euskal Herria osorik genuen, barruko mugarik eta Frantziaren eta Espainiaren arrastorik gabe. Beste herri batzuetako hedabideek ere halaxe aurkezten dute euren lurraldea, ondoko estatuen erreferentziarik gabe. Estatu bat dute atzean; guztiz legitimaturik daude hori egiteko. Beste estatuak ez dira kexatzen. Lehengo mapa hura berriz jartzearen aldeko apustua egin du EH Bilduk. Ibarretxeren gobernuan zerbait egin zuten ondo, ba —garai hartaz ari garela: inork al daki non dauden Anjeles Iztueta larrutzen zuten Bertendonako irakasle ingelesdun, frantsesdun, ez-euskaldun haiek?—. Txikikeria omen da eguraldiaren maparen auzia. Orduan, zergatik eragiten du ageriko lehen aldaketa telebistan, zuzendaritza aldatzen duten bakoitzean? Azken mapa honi buruzko erabakiari ezin zaio kutsu salomonikoa ukatu: argi bereizten ditu zazpi probintziak —Patxi Lopezen agintaldian Espainia iparraldeko eta Frantzia hegoaldeko mapa fisikoa zen gurea—; beste alde batetik, egungo muga administratiboak agertzen dituzten koloreak ditu, desberdinak, argi gera dadin hau ondo zatitu eta zedarritutako herrialdea dela. Oraingo mapak Euskal Herri Handia islatzen duela esan dute batzuek. Gusturago ikusiko lukete Espainia Handia, autonomiekin edo horiek gabe. España una y no cincuenta y una. Guztiz berdindurik, bereizketa txikiena gabe, frankismoaren mapa horietan legez: Elanchove, Lequeitio, Marquina… Mapak herrien argazkiak dira. Argazki horietan agertzen ez dena ez da ezer, zulo beltz bat baizik. Horixe gertatzen da munduan. Lurraldez handia izango zara, baina geografia ofizialean ez bazaude, akabo. Hortik mapen garrantzia. Quim Monzok kontatzen duen pasadizoak argitzen digu hori. 1980ko urteen hasieran New Yorken bizi izan zen idazle katalana. Nongoa zen galdetzen ziotenean «Kataluniakoa» esaten zuen. Herria kokatzeko eskatzen zioten orduan, eta berak Frantziaren eta Espainiaren artean zegoela. Geografiaz ezer ez zekitenak isildu egiten ziren. Ustez asko zekitenek, aldiz, azkar erantzuten zuten: «Between France and Spain? Andorra!». Zirkunzisioa 2013ko apirilak 6 Judua izan daiteke zirkunzidatua izan gabe? Zalantza hori argitu nahi du, beste hainbaten artean, Berlinen juduei buruz ireki duten erakusketak. Egia osoa, juduei buruz beti jakin nahi zenuena deritzon ekimena juduei buruzko galderak erantzuten saiatzen ari da. Judu guztiek sudur luzea dute eta negozioetarako iaioak dira? Juduek herri aukeratua osatzen dute? Bromarik egiten dute holokaustoari buruz? Horiexek dira aretoan hedatu diren beste kezka batzuk, zirkunzisioari buruzkoarekin batera. Guretzat ezohikoa dena ohikoa da besteentzat. Eta alderantziz. Bi aldeek, guk eta haiek, elkar hobeto ezagutzeko eta ulertzeko ahalegin berezia egin behar dugu. Arriskatzea da kontua, geure erosotasuna erosokeria bihur ez dadin. Horixe egiten ari dira Berlingo Museo Juduak antolatutako erakusketan. Alemaniako herritar ez juduak eta juduak — azken horiek 100.000 baino gehiago dira gaur— elkarrengana hurbildu nahi dituzte. Naziek juduekin egindako genozidioak pisu itzela dauka oraindik hango gizartean. Berlingo ekimenak modu bitxia proposatu du zama historiko hori gainditzen laguntzeko. Museoko aretoan kutxa handi batzuk jarri dituzte, erakusleiho moduan edo, eta bertan juduak paratu dira, benetako pertsonak, bisitarien galderak erantzuteko. Live. Bizi bizian. Irudikatu antzeko erakusketa bat Louvre edo Prado museoetan. Euskaldunei buruzko hainbat galdera kutxetan idatziak. Kutxa bakoitzean euskaldun bat, ikusleen zalantzak argitzeko prest. Airean dauden galderak errealitateari lotuak dira, edo klixe zaharren ondorioak: «Basapiztiak zarete euskaldunak? Gehiegi janez eta edanez beste gizakiek baino gehiago sublimatzen duzue sexua? Egia da ikastoletan Espainiaren eta Frantziaren kontrako gorrotoa bultzatzen duzuela? Euskaldun fededun klixeak zenbateraino eragiten dizue oraindik? Haren ordez euskaldun mendidun klixea garatu duzue ala elkarrekin doaz? Euskalduntzat jo dezakezue zuen burua euskaraz jakin gabe?». Horiexek galderetako batzuk. Beste alde batetik, zer ez genuke galdetuko euskaldunok, Guggenheim museoan edo Baionako Euskal Museoan erakusketa bat egingo balute, eta espainiarrak eta frantsesak jarriko balituzte bertan! Topikoak, askotan, errealitatearen pertzepzio jakin batetik sortuak dira, baina arriskutsua izan daiteke horiek herri bateko kide guztientzat erabiltzea. Aurreiritziek eta klixeek ez dute laguntzen bestea hobeto ezagutzen. Batzuetan, iritziek oso errotuta daude eta nahasmena sor dezakete. Esaterako: Alemanian ez da ohikoa arropak etxeen kanpo aldean zintzilikatzea. Turkiako edo Hego Europako etorkinen ohituratzat jotzen da. Atzerritarren kontua. Gurean, aldiz, oraindik erabiltzen da arropa lehortzeko modu hori, gero eta gutxiago bada ere. Duela urte batzuk edadeko alemaniar bat etorri zen Euskal Herrira. Gipuzkoako barnealdeko herri bateko alde zaharrean zebilela, arropak eskegita ikusi zituen balkoietan. «Nabari da hemen atzerritar asko bizi direla», esan zuen. Etxe horietan ez ziren etorkinak bizi, euskal herritarrak baizik. Hala ere, haren begietan Alemaniako atzerritarren moduan jokatzen zuten. Beraz, kanpotarrak ziren. Bera zen atzerritarra, baina bere iritzia hain zuen barneratua, non ikusmolde hori kanpoan ere ezartzen zuen: Alemaniako atzerritarren moduan jokatzen zutenak atzerritar ikusten zituen euren jaioterrian eta etxeetan bertan. Geure betaurreko bereziez ikusten dugu munduaren kolorea. Horretaz ohartzeko, Philip Roth idazle estatubatuarrak esanikoa gogoratu dute Berlingo erakusketaren harira. Roth judua da jatorriz, baina ateoa. «Mundu osoak jainkoan sinesten ez duenean, leku bikaina izango da», esan zion CBS telebista kateari elkarrizketa batean. Hala ere, Rothek normaltzat jotzen du zirkunzisioa; ez du erlijioarekin lotzen: «Hipnotizatuta erreakzionatzen dut, oraindik ere, igerilekuetako aldageletan zirkundizatu gabeko gizonak ikusten ditudanean». Guretzat ohikoa dena ezohikoa da besteentzat. Sarita Azkoitian 2013ko apirilak 13 Espainiako hedabideek ez dute Joxan Lizarribarren heriotzaren berri eman. Ez dute Euskal Herria erreferentzia moduan; Espainia da haien ardatza. Joxanek defendatu eta amesten zuen Euskal Herri euskaldun, aske eta batua ez dator bat haien proiektuarekin; histu egiten ditu iparraldeko kolonietako postaletako kolore berdeak. Euskal Herriko hedabide espainolistek errealitateari ezin uko egin, eta berri txarra aipatu dute. Lizarribar euskal kulturaren aldeko ekintzaile sutsua izan zela esan dute, gehienez ere. Horixe baitzen Joxan. Haren pentsaera, ordea, harantzago zihoan. Argi zuen, beste hainbatek bezala, euskal estatuak ez duela bermatzen euskara salbatzea, baina euskal estaturik gabe euskararenak egin duela. Ausardia behar dela. Independentzia. Ez hainbeste plan lausotu, ez hainbeste kontsulta zehaztugabe, ez hainbeste kopla. Independentziaren bidea zehaztuko duen aditu taldea osatu du Kataluniako Gobernuak. Hemen, bitartean, 2015eko data etereoa darabilte batzuek, ezer argi proposatu barik. Hango gobernua independentista da. Hemengoa, berriz, zer? Independentista? Soberanista? Planista? Kontsultista? Lehen mailako autonomista? Hirugarren graduko erregionalista? Jose Luis Sampedroren heriotzaren berri eman dute Espainiako eta Madrilen agindupeko euskal lurraldeetako hedabideek. Sampedro ez zen iraultzaile tradizionala. Kapitalismoak hasiera batean eragindako aurrerapena onartzen zuen. Hala ere, merkatu askatasunaren garapena salatzen zuen, gogor salatu ere. «Joan dirurik gabe merkatura, eta igarriko diozu, bai, zertan datzan merkatu askatasuna», esan zuen elkarrizketa batean. Berdin beste askatasunekin. Joan zaitez, bai, eliteko unibertsitate edo ospitale pribatu batera dirurik gabe, eta igarriko diozu zertan dautzan irakaskuntza askatasuna eta osasunerako eskubidea. Merkatuaren erreinuan, ordaintzeko dirua duenari baino ez dio balio askatasunak. Sampedroren pentsamenduaren antipodetan zegoen burdinazko dama. «Bada Margaret Thatcherren heriotzaz poztu denik», esan dute telebistan, harrituta-edo. Negar egin behar zen, ala? Galde diezaietela Bobby Sands-en eta gose greban hildako IRAko beste presoen senideei eta abertzale irlandarrei; galde diezaietela Txileko diktaduran krimenak pairatu zituztenei —Thatcherrek sostengua eman zion Pinocheti, hura Londresen zegoenean estradizio prozesuan— ; galde diezaietela haren erreforma ekonomikoaren ondorioak oraindik pairatzen ari diren herritar pobreenei; galde diezaietela hegoafrikarrei —Thatcherrek inoiz ez zuen apartheid-a gaitzetsi nahi izan—. Eta, bide batez, galde diezaietela haren heriotzagatik negar egin duten demokrata garbiei, ea zergatik ez zioten eskatu erregimen arrazista eta kriminal hura arbuiatzeko, harekin mahaian eseri baino lehen. Eta zergatik, beste kasu batzuetan, giza eskubideak urratzea gaitzetsi beharra dagoen haien solaskidea izateko. Sara Montielen heriotzaren berri eman du Euskal Telebistak. Adin jakin bateko hego-euskaldunen gogoan dago Montiel. Espainia baitugu erreferentzia. Espainolez ez dakien Donapaleuko euskaldun batek ez du hain erraz ezagutuko. Garai batean sex symbol-a izan zen Sara Montiel. 50eko urteetan txistua botatzen zioten Madrilgo Gran Via kalean, prakak jantzita ibiltzen zenean. «Orduan puta deitzen zidaten, baina orain santa izango nintzateke», esan zuen elkarrizketa batean. Espainia sakona Espainiako hiriburuan. Zer ez zioten egingo, aukera izanez gero, katolizismoaren talibanek. Lagun bati entzuna diot bere herrian, 60eko hamarkadan, erdaraz ozta-ozta zekiten gizonek haren film guztiak ikusten zituztela. Askotan, andrea gabe joaten ziren zinemara, lasaiago gozatzeko bekatuan. Pelikula aurrera joan ahala, itzalen mugimendua hasten zen aretoan: Saritaren presentziak eraginda, gizonezkoak komunera joaten hasten ziren, iluntasuna lagun. Gehienek etxetik eramaten zuten paper higienikoa. Badaezpada ere. Bakean herdoil bedi 2013ko apirilak 20 Krisia kontsumo gosea hiltzen ari da, eta jan gosea berpizten. Euskal Herrian, batez ere Hegoaldean, gero eta lagun gehiago jotzen ari dira jangela sozialetara, Caritasek emaniko datuen arabera. Hegoalderago are makurragoa da egoera. Andaluziako Juntak umeei egunean hiru otordu emateko plana onartu du; Grezian, umeen %10ek ez dute bermatua janaria. Krisiaren ondorioei aurre egiteko neurriak hartzen ari dira han eta hemen. Batzuek kritikatu egin dute horien egokitasuna, baina nola egin ezikusiarena halako premia gorriei? Espainiako prentsa eskuindarrak «Chavezen plana» kopiatu izana egotzi dio Andaluziako Gobernuari. Halako neurriak populistak direla diote demokraziaren patrizioek, inguruan gosearen arrastorik ez dutenek. Gu guztion diruaz ordaindutako neurri populistak. Sozialismoa. Horixe kritikatzen zuen Margaret Thatcherrek. Erresuma Batuko lehen ministroa zenaren ustez, sozialismoa lapurretan oinarritutako sistema zen, nolabait: «Sozialismoaren arazoa hauxe da: segituan bukatzen zaio besteen dirua». Richard Wolff ekonomialariak buelta eman zien argudio horiei joan den astean, New Yorkeko Brecht Forumean eginiko hitzaldian, burdinazko dama hil berria zela. Andreu Barnils kazetariak eman du ekitaldiaren berri Vilaweb katalanezko agerkari digitalean. Wolffen ustez, argi dago zein den krisi honen arrazoia: bankuei segituan bukatu zaie besteen dirua. «Oraintxe azalduko dizuet nola funtzionatzen duten Thatcherrek defendatzen zituen banku kapitalistek. Banku pribatuek besteen diruaz funtzionatzen dute», esan zuen ekonomialariak. Eta sistema azaldu zuen, bai, erraz ulertzeko moduan. Bankuek hiru sarrera mota dituzte: batetik, inbertitzaileen dirua lortzen dute, inbertitzaile horiek irabazien portzentaje bat jasotzearen truke; bestetik, maileguak eskatzen dituzte, interesekin bueltatzeko; azkenik, herritarrek haien eskuetan uzten duten dirua dago. Behin hiru iturri horietatik besteen dirua lortuta, bigarren faseari ekiten diote. Dirua uzten diete herritarrei, enpresei eta gobernuei. Dirua utzi dirua irabazteko, noski. Bankuak modu bakar batez egiten baitu negozioa: dirua uztearen truke jasoko dituen interesak altuagoak direnean hark ordaindu behar dituen interesak baino. Bankuek besteen dirua galdu dute. Negozio hondagarrietan inbertitu dute, edo bueltatzeko bermerik ez zuten enpresa edo herritarrei utzi diete dirua, kutxa gero eta handiagoa egiteko irrikaz. Enpresa pribatu batek porrot egiten duenean, itxi egiten du. Merkatuaren legea. Bankuen kasuan, ordea, ez. Bankuek gobernuetara jotzen dute diru eske. Bankuak eroriz gero, enpresak ixten dira. Ondorioz, langabe gehiago dago, pobrezia, miseria. Gobernuak ere erortzen dira. Domino efektua da. Wolffek lelo honekin laburtu du bankuek gobernuei egiten dieten eskaera edo mehatxua: «Erreskata nazazu edo bestela zu ere eroriko zara». Horixe historia. Erraza ulertzeko. Thatcherrek bedeinkatzen zituen bankuek eta sistemak segituan gastatu dute besteen dirua. Politikariaren hiletan 12 milioi euro erabili ditu estatu britainiarrak. Ken Loach zinemagileak esan duenez, Thatcherren hiletak pribatizatu egin behar ziren, hildakoaren pentsaerarekin koherentea izateko. Thatcherrek demanda egingo zien Londresko zeremonian halako dirutza gastatu dutenei. Belfasten, Falls Road errepublikanoan, pintaketa bat egin zuten Thatcher zendu eta berehala, heriotzak independentisten artean eragindako sentimenduak azaltzeko. Rest in peace (Bakean bego) esamoldetik abiatuta beste mezu bat osatu zuten. Iron lady? Rust in peace (Burdinazko Dama? Bakean herdoil bedi). Matthew Oakeshottek hitz jokoa txalotu du Twitterren: «Nire epitafio pintaketa gustukoena da Thatcherrentzat. Umorez egina dago, ez gorrotoz». Oakeshott ez da Sinn Feineko politikaria, Erresuma Batuko Alderdi Liberal Demokratako buruzagia baizik. Erregimenak eta kazetariak 2013ko apirilak 27 Boterea eta etika. Kazetarien lana inoiz ez da erraza izan. Batez ere, boterearen aurrean makurtzen ez diren kazetariena. Jazarpenak, mehatxuak, kolpeak. Han eta hemen. Erregimen guztietan. Argia-ko kazetari Lander Arbelaitzi gertatua dugu adibide. Bere burua kazetari gisa identifikatu arren, Ertzaintzak jo eta mehatxatu egin zuen Donostian. Poliziek lurrera bota zuten, Aske Gunearen kontra egiten ari ziren bitartean. Denok ikusi ahal izan dugu erasoa. Hala ere, gure segurtasunaren erantzule arduratsu ofizialek ez dute kazetariarekin hitz egin, ezta barkatzeko eskatu ere. Areago, gertatutakoaren errua kazetariarena berarena izan dela esan dute, ez hura jo zuten uniformedunena. Zergatik? Ez ziolako segitu Ertzaintzaren aginduari. Poliziak zehaztutako leku jakin batetik informatu behar zuten kazetariek, antza. Ertzaintzak ondo zedarritutako gune batean nahi zituen kazetariak, ondo kontrolatuta, berak finkatutako atakaren atzean eta hesiaren barruan. Kazetariak zenbat eta urrunago, orduan eta hobe. Boterearentzat susmagarriak dira. Arriskutsuak. Argia-ko kazetariari eginiko erasoa Donostian barik Caracasen izan balitz, egunkari eta telebista guztietan agertuko zen. Hemengoa izanda, aldiz, ez. «Zer gaiztoa den erregimen chavista», esango zuten. Halaxe deitzen baitiote Venezuelako sistemari hemengo hedabide askok, mespretxuz. The New York Times egunkariaren estilo liburuak erregimen hitza ez erabiltzea aholkatzen du: «Gobernuaren edo lidergoaren alternatiba moduan erabiltzen denean, gutxienez gaitzespen txikia dakar berekin. Kontuz erabili». Berdin dio. Erregimenak. Gure lehen munduko sistemak lehen mailako demokraziak dira. Hemen ez dago erregimenik. Hemen demokrazia garbiak ditugu, nonbait: kazetaria jotzen dute eta errua kazetariari botatzen diote. Edo herri kontsultak bultzatzen dituzte, soilik gustukoak dituztenean. Iñaki Petxarromanek gogorarazi digu orri hauetan: «2005ean, errauste plantari buruzko galdeketa bat egiteko baimena ukatu zion Hondarribiko alkate jeltzale Borja Jauregik Txingudi Bizirik plataformari. Hautestontziak jarriz gero Ertzaintza edo udaltzaingoa bidaltzeko mehatxua egin zien. Markel Olanok uko egin zion Gipuzkoan errauste plantari buruzko herri galdeketa bat antolatzeari, ahaldun nagusi izan zen garaian (2007-2011). 'Ez diot zentzurik ikusten errausketaz kontsulta egiteari', esan zion kazeta honi 2007an». Venezuelan erregimen chavista badute, EAEn erregimen peneuvista dugu. Kazetaria eta etika. Alde bateko kontuak ozen salatu, bestekoak lotsagabe isildu. Kazetariak, ezin uka, gero eta gehiago makurtzen dira boterearen aurrean. Besteen erregimenak kritikatzen dituzte. Beren ideologia duten erregimenak, aldiz, ez. Fernando Ravsberg BBCren berriemailea da Kuban. Kazetari uruguaiarrak hogei urte baino gehiago eman ditu Habanan. Atzerriko oso kazetari gutxi dago, hango errealitatea berak baino hobeto ezagutzen duenik. Kritikoa baina zuzena, uharteko sistemako alde onak eta txarrak azaltzen ditu. 2009ko udan kazetaritza kongresu batean egon zen, Santanderren. Giza eskubideei buruz hitz egiten hasi zirenean, irizpideak zehazteko neurri bera erabiltzeko eskatu zien Ravsbergek kideei. Kuban heriotza zigorra noiz aplikatu zuten azken aldiz galdetu zien. Denek zuten dataren berri: 2003. urtea. Hark hauxe esan zien orduan. «Sei urte pasatu dira geroztik. Orain, esan: sei urte hauetan zenbat lagun hil dituzte heriotza zigorraz Txina, Pakistan, Saudi Arabia edo AEBetan?». Ez zekiten. «Eta ez zaizue bitxia iruditzen duela sei urte Kuban gertatu zenaz argi eta garbi oroitzea eta ez jakitea munduko beste lekuetan gertatzen ari dena». Ravsbergek oraindik gogoratzen du lagun horietako baten erreakzioa: «El País-eko kazetari bat jaiki zen, Miguel Angel Basternier, eta hauxe esan zuen, ozenki: 'Kubatar baten biziak ehun beltzenak baino gehiago kezkatzen nau'». Ama kamisetan 2013ko maiatzak 4 Athleticeko jokalariek amaren abizena jarri zuten atzo kamisetetan, Celtaren kontra jokatutako partidan. Biharko amaren eguna gogoan, omenaldi moduan hartutako erabakia onetsi zuen, salbuespen gisa, Espainiako Futbol Liga Profesionalak. Onartu behar da gauza txalogarria izan zela atzokoa, guztion sentimenduak islatzen zituena. Azken batean, nork ez du ama maite? Alta, halako keinuek ezer gutxi balio dute gero gizonezkook amak —besteen amak, noski— eta amagai diren edo izan diren guztiak errespetatzen ez baditugu. Emakume guztiak, alegia. Hitz gozoetatik harago errespetatu, atzokoa bezalako detaile horiek huskeriak izan ez daitezen. Amarenganako maitasun itsu, ukaezin, primario eta ulergarri horretatik amodio edo, besterik ez bada, begirune aseptikoago batera pasatzea da kontua. Izan ere, gizon askoren barren-barrenean, oraindik ere, ama da baldintzarik gabe errespetatu beharreko emakume bakarra. Ez dut esan maitatu, errespetatu baizik. Ama maitatu; andrea eta alaba ere bai. Ez dituzu zertan beste emakume guztiak horiek adina maite, baina errespetatu, bai. Ez duzu dalai-lama izan behar horretarako. Gero eta ohikoagoa da futbolariek gola sartu, kamiseta erantzi eta azpian, barruko elastikoan, mezuren bat agertzea: gola seme edo alaba jaio berriari dedikatzea, edo hil berria den senideari. Ama bihotzean daramagu. Inork ez du horretaz dudarik egiten. Aitzitik, ez du balio bihar kamisetan Mertxe, Nekane, Maria, Olatz, Edurne, Kontxi, Asun eta abarrenganako maitasuna erakusteak, etzi ezer egiten ez badugu. Bide batez, galdera maltzur bat, freudiano samarra: zergatik izango ote da amaren aldeko ekinbideak normalean zakildun umeengandik ateratzen direla? Hain esker txarrekoak al dira aludun umeak? Seguru? Amaren abizenaren harira: gero eta joera handiagoa dago gurean lehen eta bigarren deiturak jartzeko. Aurrerapausoa da. Horrekin ez da patriarkatuaren botere sinbolikoa deuseztatzen, baina bai leku bat egin amari: inon ez agertzetik bigarren lekuan agertzera pasatzen da. Oraindik atzean, baina nonbait, bederen. Ohituraz-edo bigarren abizena agiri ofizialetan baizik jartzen ez dugunok ama gutxiago maite dugula esan nahi du horrek? Ez dut uste. Amaren abizena ezinbestean agertzeko konponbidea hauxe izan daiteke: haren deitura jartzea umeari. Arlo horretan ez gaude oso aurreratuta. Zenbat gizonezkok uzten dute machito ohorea bazterrean eta emaztearen edo neska-lagunaren abizena jartzen diote umeari, lehen deitura moduan? Logika hutsagatik bestegatik ez bada ere. Izan ere, hauxe da kontu argi bakarra: ume horrek ama zein duen. Gizonen kasuan, aldiz, badakizu: Pello Joxepe tabernan dela, haurra jaio da Larraulen. Baina Pello Joxepek DNA proba egin arte, ez da jakingo haur horrek aita zein duen. Amaren abizena hobetsi duten gizon batzuk ezagutzen ditut, baina gutxi dira. Zenbaitetan, zuzena ez ezik, mesedegarria ere izango litzateke hori egitea. Kirolarien kasuan, esaterako. Zelako zama psikologikoa izan daitekeen futbolaria izan nahi duen haurrarentzat jokalari bikaina den aitaren abizena eramatea. Amaren abizenaz, berriz, presio txikiagoa sentituko du. Hala ere, errealistak izanda —eta inor mindu nahi izan gabe— nago atzo Athleticeko futbolzale askorentzat taldeak irabaztea zela garrantzitsuena. Hautatu beharrean egonez gero, gauzak nola dauden ikusita, nahiago zuten taldeak aiten abizenekin irabaztea amenekin galtzea baino. Alegia, amak omentzeak ezer gutxirako balioko zuela, Morenori bost gol sartuz gero, haietako bi Sagarnaren eta Borderen botetatik, eta Goñik eta Zubeldiak hamaika huts eginez gero aurkariaren ate hutsaren aurrean. Irabaztea eta datorren denboraldirako bidea egiten hastea zen funtsezkoena haientzat. Berdin dio Calderak entrenatzaile segituko duen. Edo Telleria presidenteak Lakuntza jarriko duen haren ordez. A! Amaren abizena Gonzalez dut. Nazilandia 2013ko maiatzak 11 Faxismoa eta ezjakintasuna batera joaten dira, batez ere eskuin itxuraz zibilizatua oso errotuta ez dagoen lekuetan. Espainian, esaterako. Horrek erraztu egiten ditu lengoaiaren perbertsioa eta emozioen manipulazioa. Gauzak horrela, ez da harritzekoa Kataluniako komunitate juduak aste honetan agiri bat atera izana nazismo hitzaz egiten den erabilera arina arbuiatzeko. Haren ustez, edonori arrazoi hutsalenengatik nazia deitzeko dagoen joerak holokaustoa erlatibizatzen du, eta hori zigortu egin beharko litzateke. Paradoxikoena hauxe da: jokaera hori eskuinak hedatu du gehienbat, nazismoarekin beste inor baino gehiago identifikatzen den joera politikoak. Eskuinaren ustez, lanpostuaren alde trafikoa mozten dutenak naziak dira; escrache izeneko protesten bidez etxe kanporatzeak salatzen dituztenak ere naziak dira; azpiegitura erraldoien kontra ekintza ikusgarriak egiten dituztenak, berdin. Botoen bidez adierazitakoaren kontra indarrez egiten duten naziak dira horiek guztiak, PPren arabera. Botoen bidez azaldutako «herri borondate» horri beste batzuek erasotzen diotenean, ordea, ez dago nazirik inguruan: agintariek kanpainan agindutakoaren guztiz kontrakoa egiten dute, baina ez dira naziak; botoen legitimitatea izan gabe gobernuen politikak aldarazten dituzten erakunde politiko eta ekonomikoak ere ez dira naziak, euren erabakiak indarrez eta mehatxuz inposatzen dituzten arren. Bitxia da oso: naziak soilik eskuinaren interesen kontra doazenak dira orain. Beste jokaera maltzur bat: aurkari politikoa Hitlerrekin konparatzea: «Hitlerrek ere bozak irabazi zituen, baina horrek ez du esan nahi demokrata zenik». Alegia, bozak irabazteak ez zaitu demokrata egiten. Ez, ba. Zergatik ez zen demokrata Hitler? Bozak irabazi zituelako? Ez. Haren ideiak demokraziaren oinarritzat jotzen diren ideien guztiz kontrakoak zirelako. PPk eta PSOEk bozak irabazten dituzte. Naziak dira horregatik? Ez. Demokratak? Ezta ere. Demokratak izateko beste arrazoi bat izan beharko dute: euren ideiak demokratikoak izatea, Hitlerrenak ez bezalakoak. Edozein mugimendu politiko nazismoarekin konparatzeko ez du balio bozak irabazi izana erabiltzeak, pentsaera, ideologia eta portaerak konparatzeak baizik. Nazia deitzeko ohitura dute batzuek. Zenbaitetan erraztu egiten zaie lana, gainera: kartzelazain bat —barkatu, espetxeetako funtzionario bat— bahitu eta hezurretan uzten dutenean. Edo Donostiako liburu denda bati erasotzen diotenean. Biharamunean, egunkari unionista batek askatu berriaren argazkiak argitaratuko ditu, eta aldamenean Auschwitzeko preso baten argazkia jarriko du. Edo SS alemaniarrek Berlinen txikitutako liburu denden irudiak. Aldiz, estatu bateko segurtasun indarrek inor bahitu, torturatu eta kare bizian lurperatzen dutenean edo presidente batek nazioarteko erakundeen gomendioei barre egin eta tortura ukatzen duenean, ez da ezer gertatuko. Ez dute paralelismorik egingo nazismoarekin. Behin Berlingo kale merkatu batera joan nintzen lagun batekin, fruta erosteko asmoz. Meloi bat hartu nuen esku artean. Erdaraz ari ginela ohartu ahala, saltzailea guregana bueltatu zen, eta meloia kendu zidan. «Alde hemendik, gure familia kanporatu baitzenuen Espainiatik», esan zuen, Erdi Aroko kutsua zuen espainolean. Judua zen, espainiarren intolerantzia erlijiosoak mende batzuk lehenago kanporatutako sefardien ondorengoa. Emakume hark ez zidan nazia deitu, nahiz juduen kontrako jazarpen haiek nazien geroko genozidioa oinarritzeko ere balioko zuten. Baina Alemanian, beste hainbat lekutan bezala, garesti ateratzen da inori besterik gabe nazia deitzea. Hala jokatzea ez baita zuzena. Horregatik, hemen ere kontuz ibili beharko genuke hitzak aukeratzeko garaian. Cospedal, Aguirre edo Basagoitiri naziak deitu? Inoiz ez, euren alderdi politikoaren genesian nazismoarekin loturak izan zituen erregimenaren ordezkari politikoak egon ziren arren. Ricardoren gerra 2013ko maiatzak 18 Gure herrian bazen gizon bat, Ricardo zeritzona. Ricardo handia zen, umoretsua, sudur-luze eta masail-gorria. Begi bizi maltzurrak zituen. Futbola gustatzen zitzaion. Eta txisteak kontatzea. Txisteak berdeak ziren batzuetan, eta auzoko mutikoek gustura entzuten genituen, bekatuaren suan erretzeko beldurrik gabe. Noizean behin, txisteak ahaztu eta gerrari buruz hitz egiten zuen. Begiak piztu egiten zitzaizkion orduan. Gerra gogoratu dute PPk eta Guardia Zibilak, horiek ere begiak piztuta, azken egunotan. Izan ere, Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak, Maria de los Llanos de Lunak, diploma bat eman zion joan den larunbatean Division Azuleko Borrokalarien Ermandadeari. Diploma, nolabaiteko esker ona, Guardia Zibilak Sant Andreu de la Barca herrian duen kuartelean entregatu zioten alkandora urdindunen elkarteari. Ekitaldian, Benemerita-ren sorreraren 169. urteurrena ospatu zen. Bartzelonako egintzak Alderdi Popularraren jokoa agertu du. Batetik, nazi hitza erabiltzen du bere politiken kontra egiten duten mugimendu sozialak iraintzeko; bestetik, omendu egiten ditu naziekin batera borrokatu zirenak, benetako faxistak, benetako naziak. Division Azul-eko kideak, alegia. Frankismoaren heroiak, Hitlerren defendatzaile sutsuak. Division Azul hori 45.000 inguru boluntariok osatutako unitate militar espainiarra zen. Francok Hitlerri emandako oparia, Kondor Legioak gerran eskainitako laguntza eskertzeko —Kondor Legioak bonbardatu zuen Gernika, eta hori ere eskertu behar zen—. Unitate horretako buruak falangistak ziren. Alemaniara heltzean, Hitlerri leialtasuna izateko zin egiten zuten —haietako batzuek, gutxik, führer-ari eskua emateko ohorea izaten zuten—. Zeremonian esaldi hau errepikatzen zen beti: Jainkoaren aurrean eta zuen ohore espainiarraren izenean, zin egiten duzue erabateko obedientzia izango diozuela Alemaniako Armadako buru Adolf Hitlerri...? Gero, ekialdeko frontera joaten ziren, Wehrmacht naziaren aginduetara deabru komunistaren kontra borrokatzeko lurralde errusiarretan. PPk eta Ciutadansek ez beste alderdi guztiek De los Llanos anderea kritikatu dute. Guardia Zibilak normaltzat jo du ekitaldia, baina. Espainiako Errepublikako hegazkinlariak ere omendu dituztela gogorarazi du, lasai asko. Eta hortxe dago koska. Zenbait kasutan, biktima guztiak ez direla berdinak esaten ari zaigu, biktimak eta borreroak ez elkartzeko, eta abar. Baina Guardia Zibilak berdintzat jotzen ditu nazismoaren munstroa sortu zuenaren alde hiltzeko prest egon zirenak eta Espainiako legalitate errepublikanoa defendatu zutenak. Orain hobeto ulertzen da zergatik nahi duten naziak omentzen dituzten horiek ETA behin betiko desagertzea, armak entregatzeaz gain. IRAk borrokalari ohien elkarte moduan iraun lezake, nonbait, Irlandan. ETAk berdin egitea saihetsi nahi dute hemen. Agian beldur dira etorkizunean Euskal Herriko agintari batek diploma bat emango ote dion ETAko borrokalari ohien elkarteari Ertzaintzaren komisaria batean, euskal poliziaren sorreraren ez dakit zenbatgarren urtemugan. Ez dute zertan kezkatu. Halakorik gertatu eta inor kexatuko balitz, Ertzaintzak beti esan ahal izango luke Guardia Zibileko kideak ere omendu zituztela, noizbait, komisarian. Banako berdinketa, beraz. Ricardok 50 urte inguru zituen. Dotore janzten zen, eta asteburuetan Bilbora joaten zen. Mihi-gaiztoek esaten zuten putetxeak bisitatzen zituela. Beste batzuek, gizonak gustatzen zitzaizkiola. Gurekin oso atsegina izaten zen beti. Behin, gerrari buruz ari zela, zerbait erakutsiko zigula esan zigun. Etxera joan, eta eskuan gutun-azal bat zuela itzuli zen. Barrutik zuri-beltzezko argazki bat atera zuen. Argazkian soldadu ilara bat ageri zen. Bera nor zen seinalatu zuen atzamarraz. Begiak piztu zitzaizkion. «Munichen da. Führer-ak eskua eman zidan egunean». Komuneko papera 2013ko maiatzak 25 Colhogar, Suavel, Maypro, Scottex... Gipuzkoako dendetan komuneko papera dago. Oraindik ez da bete Bizkaiko diputatu nagusiaren abisua —edo desio edo begizkoa, auskalo—, baina batek daki. Hala ere, iradokitze hutsak antzinako urteetara eraman du bat baino gehiago: El elefante markaren ukitu latza gure atzealde samurrean; egunkariek larrialdi egoeran komunetan betetzen zuten funtzio soziala; arboletako hostoen freskotasuna... Jose Luis Bilbaoren iruzkin eskatologikoa gustu txarrekoa da, eta mespretxua adierazten du. EH Bildu Gipuzkoan egiten ari den lana gutxietsi nahi du. Higadura politikoa eragitea du helburu. Azken batean, boterea dago jokoan, botere hori kudeatuz erakundeetatik sustatuko den gizarte eredua. Krisiari aurre egiteko modua. Horretarako ari dira hizketan EAEko hiru diputazioak, Jaurlaritza eta alderdi politikoak. Bakoitzak bere ikuspuntua defendatzen du arlo horretan. Politika fiskalak ezadostasun handiak sortu ditu. Esaterako, iruzurrari nola egin aurre. Garitanok, ez soilik berak, eredua aldatu nahi du. Izan ere, XXI. mendean gaude eta Euskal Herritik kanpo ia gertaezina dena egingarria da hemen, iruzurraren kontrako borroka bateraturik ez baitago, ez irizpidez ez baliabidez: Ermuko herritar bat, helbide fiskala Bizkaian duena, hiru pisu duplexen jabe izatea Eibarren, eta alokatzea... bildutako diru hori Bizkaian aitortu gabe. Hala da, salbuespenezko kasu bakanak alde batera utzita. Aholkulari fiskal bat ezagutzen dut Bilbon, hauxe esaten diena Gipuzkoan edo Araban ondasunak dituzten bezeroei: «Ez aitortu, datuak ez dira gurutzatzen eta». Zergatik? Orain arte ez delako benetako borondaterik izan hori gerta dadin. Gipuzkoan gizarte eredu venezuelarra bultzatzen ari dira, EAJren ustez. Noski, jeltzaleek eredu horren hutsak edo gabeziak dituzte gogoan Bilduren jarduera kritikatzeko. Pobreziaren aurka egiten den lana, Venezuelan edo Gipuzkoan, ez dute aipatzen. Errealitatea puzten segituz gero, hauxe galde liteke: Gipuzkoan arlo sozialean Venezuelako eredua ezartzen ari badira, zer politika bultzatzen ari dira Bizkaian eta Araban, zerga gardentasunaren arloan, kanpoan lortutako diruarekin? Paradisu fiskaletako tax free eredua ahalbidetzearena? Garitanori Permach komandanteak ematen badizkio ordenak, nork ematen dizkio ordenak Bilbaori? Kaiman uharteetako lehen ministroak, Juliana O'Connor-Connolly andereak? De Andres jaunak galdetu du zertarako nahi dituen Garitanok Arabako herritarren datu fiskalak. Erantzun erraza du Arabako diputatu nagusiak: hark berak Gipuzkoako herritarren datu fiskalak eskuratzeko izan beharko lukeen arrazoi beragatik: gardentasun handiagoa izateko eta iruzurrari hobeto aurre egiteko. Aste honetan Europako Batasunak adierazi du saiatu egingo dela urte amaierarako estatu guztiek aukera izan dezaten datu fiskalak trukatzeko. Beharbada errazagoa izango da Finlandiak eta Portugalek elkarri datuak pasatzea Bizkaiak eta Gipuzkoak horiek trukatzea baino. Bitxia gero. Lege zaharretan oinarritutako egiturak, eskuduntzak eta funtzionamenduak ondo egongo ziren Erdi Aroko errealitatea kudeatzeko, baina globalizazioaren garaian egokiak ez badira, aldatu egin behar dira. EAEko hiru ogasunak denbora errealean elkarrekin konektatzeko aukeraz hitz egiten ari da orain. Lorpen itzela! Lehenago ezin zen ala? Krisiaren presioa sentitu behar izan dute gure agintariek beste edozein herrialdetan normala dena egiteko? Gipuzkoan komuneko paperik ez. Krisia. Bertako agintari chavistek kontsumoa murriztuko dute: hilean komuneko papereko ale bat pertsona bakoitzeko. Hondamendia. Bizkaian baten batek negozioa izango du buruan: Ondarroatik Mutrikura edo Elorriotik Arrasatera merkantzia eramatea, merkatu beltzean saltzeko. Estraperloan. Gero, Gipuzkoa bolivartarrean lortutako dirua Bizkai kaimandarrera eramateko. Tax free. Gere eta Isabella 2013ko ekainak 1 Euskal emakumeek asko hitz egiten dute, baina zentzuz. Halaxe azaldu zuen Marcelo Bielsak herenegun, prentsaurreko batean: «Egun batean andreak esan zidan euskalduna izan nahiko zuela, euskal emakumeek ez baitute ezer esaten behar ez bezala. Asko hitz egiten dute, baina beharrezkoa esaten dute». Athleticeko entrenatzaileak askoren iritzia berretsi zuen: euskaldunok neurriz hitz egiten dute, ez dute behar baino gehiago esaten. Euskaldunok urriak omen gara hitzetan. Horixe da gure estereotipoaren ezaugarrietako bat. Emakumeek, gainera, ez dute behar baino hitz gehiagorik egiten. Ez dira aho handiak, alegia. Ahokadak, normalean, gizonezkoen kontuak dira. Euskaldunon irudiaren inguruan hainbat klixe bildu dira historian zehar. Beste klixe bat hauxe da: izaera abenturazalea, menderakaitza, erreboltarako prest dagoena. Idealista. Literaturan Pio Baroja edo Marc Legasseren pertsonaiak ditugu. Zineman ere ez da adibiderik falta. Euskaldunak legearen ertzetan daude sarri. Erreboltariak dira, outsider-ak ia-ia. Adibide bat Vamos a matar, compañeros filmean ageri da —italiarra izan arren, pelikulak izen hori du jatorrizko bertsioan—. XX. mendearen hasieran gaude. Mexikoko Iraultzaren garaian el vasco izeneko gerrillaria gailentzen da —Tomas Milian aktorea—. El vasco-k erreboltari ekiten dio eta armadako koronel bat hiltzen du. Protagonistak txapela janzten du beti, eta harro dago bere jatorriaz: «Soy Modesto Servando Iruretagoyena, llamado el vasco». El vasco aho handia da, xelebre xamarra, baina bihotz onekoa. Erromantikoa. Filmaren bukaeran hauxe diotso harekin batera borrokatu den lagunari, iraultzarekin bat egin dezan: «Gera zaitez hemen, lagun! Ohartuko zara idealak badituzu, irabaz daitekeela». Basatia eta idealista. Hogeita hamar urte geroago, beste pertsonaia bat azaltzen da Europan. The Passage filma Frantzian girotua da, nazien okupazioa bitartean. Anthony Quinnek euskal artzain baten rola jokatzen du. Artzain horrek erresistentzia frantsesarekin lan egiten du, eta zientzialari bat —James Mason— eraman behar du beste aldera —Hegoaldera, alegia—. Halako batean, emakume gazte batek halaxe esan dio Quinn artzainari: «Gauza izugarriak esaten dituzte euskaldunei buruz. Egiazkoak dira?». «Bai». Neskak galdezka segitu du, begiak zabal-zabalik: «Baina esaten duten bezain gaiztoak dira». «Are okerragoak», erantzun dio Quinnek, zirkinik egin gabe. Filmak Iparraldeko euskaldun bat du protagonista, eta 40eko hamarkadaren hasieran garatzen da. Pelikula ikusi eta galdera etortzen zaizu burua: pilotari trebeak izan eta Ezpeletako axoa jan eta ardoa gustura edateaz gain, zer egiten zuten Iparraldeko euskaldunek orduan, hain beldurgarriak izateko? Ezin da esan Quinn artzaina garai haietan IK-ko kidea zenik, edo Euskal Lurralde Elkargoa defendatzen zuenik. II. Mundu Gerran zebilen, askatasunaren aldeko borrokan laguntzen, otso bakarti baten moduan Pirinioetan gora eta behera. Beldurgarria eta idealista. Emakumeak ez daude estereotipo horretatik kanpo. Hitzetan zuhurrak, baina ekintzetan izugarriak. 1997. urtea. The Jackal filmean Richard Gere IRAko kide ohia da, Bruce Willis gaizkilearen kontra egin behar duena. Pelikulako eszena batean Gerek neska-lagun ohia bisitatzen du, ETAko kidea izandakoa. Isabellak —nekez sinesten da 60ko edo 70eko hamarkadan jaiotako ETAko emakume batek izen hori izango zuenik, baina tira— iragan bortitza du. Neska erretiratua dago, bizitza normal bat egiten ari da. IRAko eta ETAko kide ohiak elkartzen direnean, iraganeko amodioaren nostalgia ageri da. Biak humano azaltzen dira. Espainiako kritikak ez zuen oso gustura hartu ikusmolde hori. Gainera, Isabellari ETAko ekintzailea deitzen zaio, ez terrorista. Gereren hitzetan, borrokalari politiko ageri da Isabella, Bruce Willis Jackal ez bezala. Humanoa eta idealista. Gosaria diamanteekin 2013ko ekainak 8 Diamante eta bitxien salmentak gora egin du zinema aretoetan The Great Gatsbyfilma ikusgai dagoenetik. Horixe adierazi du Tiffany etxeak urteko lehen lauhilekoaren balantzea egitean: 2012arekin alderatuta, salmentak %9 igo dira, eta etekin garbiak, %3. Luxuzko bitxiak saltzen dituen enpresako presidente Michael J. Kowalskiren ahotik diamanteen dirdira irten da datuak irribarretsu azaldu dituenean: «Espero baino gehiago saldu dugu. Irabaziek gora egitea ere lortu dugu (…) Horretaz gain, Gatsby handia filmaren promozio ekitaldietan hartu dugu parte, pelikulako bitxiak diseinatu baititugu». Tiffanyrena ez da arrakasta ekonomiko bakarra izan. Leonardo DiCapriok antzeztutako filmaren zipriztinek beste arlo batzuk ere arrosatu dituzte. Brooks Brothers-eko jostunek filmeko aktoreak jantzi dituzte. Fogal etxeak, aldiz, emakumezkoen gorputzak estali ditu lingerie eta galtzerdi erakargarriekin. Bide batez, Gatsby galtzerdiak merkaturatu ditu. Just in case… Moët et Chandon xanpain ekoizleak ere negozioa egin du, The Independent egunkariak zehaztu duenez. Jakin zuten Hollywooden, bai, Moët dela AEBetara xanpaina esportatzen duten etxe bakarretako bat. Mahats-bilketa onena identifikatu zuten —1921. urtekoa—, enpresari deitu, eta hark botilak bidali zizkien. Bistakoa da ikus-entzunezkoaren eragina gure gustu eta joeretan. Adibide bat: diamanteak oparitzeko ohitura filmen bidez hedatu zen. Joan den mendeko laugarren hamarkada hasi baino lehen emakumeek ez zuten diamanterik ezkontza-eraztunetan. De Beers diamante enpresa hegoafrikarrak dirutza eman zien Hollywoodeko estudioei filmetako andre ezkonberrien eraztunetan harribitxia jartzeko. Apeta hori munduko aberatsenen buruan sartu zen. Gero, beste gizajook ere irentsi genuen amua. Oraindik ezin jakin Gatsby efektua Euskal Herrian garatu ote den; Donostian ohi baino diamante gehiago saldu duten, Bilbon Moët gehiago edan duten, ezta zenbat gizonezkok erosi duten traje arrosa bat Miarritzeko boutiqueetan ere. Oraindik ezin jakin efektu horrek nola eragingo zigun, Scott Fitzgeraldek mende hasieran Kaliforniara joaniko euskal artzain futbolzale bat sartu balu bere nobelan. Filma garai berrietara egokitu, eta Leonardo DiCaprio, haren lagunak eta haien bitxiak ekarri ahalko zituen Baz Luhrmann zuzendariak San Mames zaharrera. Bide bat izango zen Gatsby efektuak enpresa pribatuen dirua erakartzeko. De Beers diamante etxearen ikurra eta dirua Athleticen sartzeko. Naturaren eta giza eskubideen kontra jarduten duen enpresa da De Beers, batez ere Afrikan, baina ez dio ardura. Zer egiten du, ba, gure Petronor maitagarriak ingurumen arloan hemen, eta Repsol espainiarrak —Petronorren jabea da— Hego Amerikako eskualde indigenetan eta Teodoro Obiangen etxaldean, Ekuatore Ginean? Negozioa, business. Futbol talde batek kamisetan Amnesty Internationalen irudia musu-truk eramaten duen egunean hasiko naiz kirol profesionalaren benetako altruismo eta elkartasunaz sinesten. Ongi etorri, Gatsby; ongi etorri, De Beers! Garaiz gaude epe luzeari begira lanean hasteko. 100 urte barru San Mames Barri-Barria eraikitzeko unean hainbeste diru publikorik ez erabiltzeko —Espainia autonomikoan segitzen badugu, Eusko Jaurlaritzak sosik ez emateko behintzat, EAEko herritar guztiona izango da eta—. Eskatu dezala De Beersek orduan atletismo pista egiteko estadioan, baita hura diamante dirdiratsuen irudiez apaintzeko ere. Eta inaugurazio ekitaldian pista erabiltzea exijitzen badu, eta Hegoafrikako atleta bat ekarri nahi badu, ekar dezala. Lasai, Pistorius ez da etorriko eta. Bitartean, segi dezala Gatsby handiak gogoratzen Daisy lehenengoz musukatu zuen eguna. Izan ere, inork ez du ahazten bere lehen musua. Leonardo DiCapriok ere ez: «Nire lehen musua bizitzako gauzarik nazkagarriena izan zen. Neskak libra bat listu sartu zidan ahoan, eta harengandik urruntzean dena bota behar izan nuen». Azken metroa 2013ko ekainak 15 Laurogeiko hamarkadan bazegoen ohitura bat Bilboko ezkerraldean: Labe Garaiak, La Naval, Babcock & Wilcox eta antzeko enpresa handietako langileak fabriken ondoko tabernetan batzen ziren, goizeko seietako txandan sartu aurretik, lehen pattarra edan eta bertan ematen zituzten pelikula pornoak ikusteko. Gaupasa egiten ari ziren gazteek ere hara jotzen zuten mozkortzen segitu, pornoa ikusi eta, last but not least, film horiei begira zeuden langile goiztiarren kontura barre egiteko. Hantxe biltzen ziren bi edo hiru belaunaldi batera, nor bere erara alienatuta. Orduan Bilbon ez zegoen metrorik. Trenak —eta autobusak— zeharkatzen zituen ezkerraldeko herriak, eskuinaldekoekin zuzenean inoiz lotu barik. Bi mundu, bi bide. Denbora luzea pasatu da geroztik. Metroa heltzearekin batera nabarmen hobetu zen garraio publikoa. Gaur, metro hori dugu Bilbon azken hamarkadetan izaniko aldaketaren ikurretako bat. Horixe nabarmenduko zuten Bizkaiko hiriburuan aste honetan elkartu diren alkateek. Garraio publikoak mugikortasuna erraztu behar du eta autoen erabilera murrizten lagundu. Hala ere, beti pentsatu dut Bilboko metroa bulegarientzako garraiobidea dela. Ordutegiei begiratu besterik ez dago. Metroa ezin hobea da Bilbo erdian lanean zortzietan hasten den jendearentzat. Zer egin behar dute, ordea, periferian goizeko seietatik aurrera jarduten dutenek? Metroa ahaztu, astegunetan goizeko seietan hasten baita ibiltzen. Trena hartzea da irtenbide bakarra. Santurtzitik Basaurira lanera joan behar duena ozta-ozta helduko da lantokira. Plentziako herritar batek, aldiz, ezin du goizeko txandan lan egin Basaurin, autorik ez badu. Ez du trenik. Metroa bai, baina zerbitzurik ez garaiz ailegatzeko. Bilbo hain handia ez dela esango dute, ezin dela Paris edo Madrilekin konparatu. Egia da, baina Bilbo handiko zenbait eremutan hobeto funtzionatzen dute zerbitzu publikoek. Hori ere egia da. Baita Bilbo aldeak baino herritar gutxiago biltzen dituztenetan ere. Nurenberg-ek eta Fuerth-ek Bilbo handiak baino 100.000 lagun gutxiago dituzte elkarrekin. Hala ere, Bavariako bi hiriak biltzen dituen metroak garraiobidea eskaintzen dio goizean goiz lanera doanari, Bilbokoak ez bezala. Metroko lehen zerbitzua 04:37an hasten da bertan. Zerbitzua goizaldeko ordu batean ixten da. 650.000 herritarrek eskubidea dute Nurenberg handiko mutur batetik bestera joateko garraio publikoan, hiru ordu pasatxoko tartean izan ezik. Lehen zerbitzuetan apenas doan jenderik, baina beharra duenak eskura du metroa. Bilbo handiko 750.00 lagunek, aldiz, zazpi orduko etena dute metrorik gabe astegunetan, hamaikak aldean irteten baita azken trena. Zerbitzu publikoak ez dira soilik errentagarritasunaren arabera neurtu behar. Goizean goiz, jende gutxi; beraz, zerbitzurik ez. Asteburuetan, ordea, gau osoan garraioa, herritarrek lehertu arte edateko aukera izan dezaten. Ez naiz hori kritikatzen ari. Festa-infusioak aho, sudur edo zainetatik sartzen dituztenek edo new age fruitu zuku naturalak edaten dituztenek eskubidea dute etxera auto istripurik izan gabe bueltatzeko. Baina Plentziako herritar bati laguntzen bazaio larunbat gauean Basauriko kuadrilla edo bikotekidearekin egon dadin, zergatik ez lagundu asteleheneko lehen orduetan herri horretara joan behar badu lanera? Goizeko bostetan etxera hinkata bragetaraino itzultzen direnek eta lanera txintxo-txintxo doazenek eskubide berdinak izan beharko lituzkete, asteburuetan zein astegunetan, metroa erabiltzeko. Segurtasun arrazoiak direla eta, enpresak ez baditu nahasi nahi, jarri ditzala bagoi desberdinetan. Haatik, hori gizaterian konfiantzarik ez izatea da, eta belaunaldien arteko komunikazioa oztopatzea: bi taldeak elkarrekin jarriz gero, Barakaldora iristerako lagunak izango dira. Eta Sestaora heltzean batera aterako dira metrotik, kantuz, inguruko taberna batean Roccoren azken marruak entzuteko. Larunbat arratsaldea 2013ko ekainak 22 Texasko gazte batek ezin du eskolara joan. Galarazia du. Lyndon Batyk oso ahul du immunitate-sistema eta, ondorioz, germenak erraz bereganatzeko joera du. Kutsagarria izateko arrisku itzela. Hori dela eta, Knox Cityko mutilak ordezkaria bidaltzen du egunero ikastetxera: Baty-Bot robota. Lyndonek robotaren bidez hartzen ditu eskolak. Haren mugimenduak etxeko ordenagailutik zuzentzen ditu. Gazteak zerbait esan nahi duenean, ordenagailuko tekla bat zapaldu eta argia pizten zaio ikasgelan dagoen robotari, irakaslea ohar dadin. Gero, robotarekin komunikatzen jarraitzen du, hitz egiteko. Lotfi A. Zadeh ingeniariak ordenagailuen adimena lantzen jardun du bizi osoan. Makinek gizakien komunikazioa hobe dezaten lan egiten du logika zehaztugabea deitutakoaren aitak. Zadehek 92 urte ditu, eta lanean segitzen du Kalifornian, Berkeleyko unibertsitatean. Zientzialaria Sobiet Batasun ohian jaio zen; txikitan Iranera alde egin zuen etxekoekin, eta 40ko urteetan, AEBetara. «Sobiet Batasunean heroiak ingeniariak, matematikariak eta zientzialariak ziren; Iranen kulturak garrantzi handia zuen: pertsona ospetsuen artean poetak ziren nabarmenenak, ez milioi asko zituztenak», adierazi dio La Vanguardiaegunkariari. «Gaur, dirua irabazten arrakastarik ez baduzu, ez zaituzte babesten. Ni AEBetan hasi nintzen garaietan pentsaera hori ez zegoen hain hedatuta». Zadehen arabera, aurrerakuntzak ondorio kontrajarriak ekarri ditu: medikuari pantaila baten bidez zu sendatzeko modua eskaintzen dion informazio-teknologiak bizitzaren gaineko kontrol prozesua ekarri du: «Informazioaren iraultzak gauza onak ditu, baina txarrak ere bai. Eremu asko suntsitzen ari da». Nima Yushij poeta irandarrak (1896-1960) egoera hau iragartzen zuten hitzak idatzi zituen Nire etxea hodeitsua da poeman: «Eguzkiaren aurrean paratzen naiz / itsasoaren gainean botatzen dut begirada / haizeak hondatua eta suntsitua du mundu osoa». Zientziak giza komunikazioa hobetu du. Gizakiaren zenbait funtzio ere ordezkatzen ditu teknologiak. Horra Baty-Bot robota, Lyndon Baty ordezkatzen. Teknologia diru iturria ere bada: Double Robotics enpresa Skype-roboten hurrengo belaunaldia garatzen ari da. Ez gara horraino iritsi, baina denbora kontua izango da: egun batean elkar ikusi ezin duten bikotekide ohiek robot bana bidaliko dute epaitegira, dibortzio paperak sinatzeko. Lyndon gazteak Baty-Botrobota bidaltzen badu ikaskideak ez kutsatzeko, posible izango da emakume edo gizon bat metalezko ordezkariaz baliatzea lehengo maitearen begien gorrotoak ultzera areago ez diezaion. Etorkizunean makinek gizakiak ordezkatuko dituzte bileretan, Baty-Bot-ek Lyndon ordezkatzen duen bezala. Orain bide erdian gaude. Nazioarteko Diru Funtsaren bileretara haragizko robotak joaten dira. Hotz eta zorrotz jokatzen dute, krudelkeriaz. Zer ez zaigun etorriko bilera horietan Christine Lagarde andrearen altzairuzko robota azaltzen den egunean. Beti izan dira ordezkatzeak, baita iruzurrak ere, baina lehen humanoagoak ziren. Haragizkoak. Txikitako arratsalde batean istorio bitxia entzun nuen irratian. Neska batek mutila ezagutu zuen asteburuan. Harekin gustatu, eta hurrengo larunbaterako lotu zen. Bezperan gaixotu egin zen, baina. Ahizpa bikiari bere ordez joateko eskatu zion orduan, mutila galduko ote zuen beldurrez edo. Bikiak izanik, hark ez zuen ezer igarriko (ustezko) bigarren hitzorduan. Handik bi hilabetera irrati programara idatzi zuen ordezkatzaileak, aholku eske. Izan ere, hitzordu hartan berari ere gustatu zitzaion mutila, baina gero ahizpak segitu zuen harekin. Bera sufritzen ari zen, larunbat arratsalde hartatik morroiaz maiteminduta baitzegoen. Maiteminduta eta haurdun. Suntsitua da mundua, baina haren amaiera ez du apokalipsiaren laugarren zaldizkoak ekarriko. Robotek bihotzez, ez buruz, poesia idazten ikasiko duten egunean bukatuko da mundua. 'Terroristaren' apologia 2013ko ekainak 29 Nelson Mandela itzaltzen ari da. Hegoafrikako presidente ohia larri dago Pretoriako erietxe batean. Madiba badoa. Ezusteko aldaketak tarte baterako susperraldia ekar lezakeen arren, logika latzak agintzen du: 94 urteko gizona bidearen amaieran dago. Mandela hiltzen denean haren ibilbidea goretsiko dute mundu osoko agintari, politikari eta iritzi-emaileek. Denak ados. Charles Fombruni, Erreputazioaren Institutuaren sortzaileari, hauxe galdetu diote aste honetan elkarrizketa batean: nork du munduko erreputazio onena? Erantzuna: Mandelak. Mandela bakarra erakutsi digute. Beste alde bat ezkutatzen saiatu dira: borroka armatua azken erremedio moduan defendatu zuena. Inork esango ote du Mandela terrorista izan zela eta inoiz ez zela horretaz damutu? Areago: inork azalduko ote du diktadura arrazistaren kontrako borroka armatuan zibilak hiltzea, desio ez arren, ordaindu beharreko prezioa zela, haren ustez? Haren biktimen gorpu odoltsuak erakutsiko dizkigute? Hona hemen Mandelak Long Walk to Freedomliburu biografikoan (Londres, Abacus, 1995) zer idatzi zuen, MK (Umkhonto we Sizwe, Nazioaren Lantza) erakunde armatuaren lehen bonba-autoak eragindako sarraskiari buruz. Atentatua informazio zerbitzuen kontra izan zen, Pretoria erdian. Hemeretzi zibil hil ziren, eta 200 baino gehiago zauritu: «Zibilak hiltzea istripu tragikoa izan zen eta heriotza kopuru hark oso hunkitu ninduen. Baina, hildako horiek asaldatzen ninduten arren, banekien istripu horiek borroka armatuari ekin izanaren ondorio saihestezina zirela. Giza hutseginkortasuna gerraren alde bat da eta horren prezioa altua da beti». Adierazpenak kartzelatik irten eta gero egin zituen Mandelak, hotzean. «Istripu tragikoa». «Gerraren prezio altua». Hemen kartzelara itzularazteko arrazoia izango zen hori. Hiltzaile ziniko nazkagarria deituko zioten, beste batzuei bezala. Baina hori guztia ahaztu egingo dute gure pentsalari bakezaleek Mandela goratzen dutenean. MK erakundeak 200 lagundik gora hil zituen, horietako asko zibilak. MK Nelson Mandelak sortu zuen: «Borrokaren natura zapaltzaileak definitzen duela ikasten du askatasunaren aldeko borrokalariak. Zenbaitetan, suari suaren bidez baizik ezin diozu erantzun». Bai, Mandelak armak utzi zituen, baina ez zioten damutzeko eskatu. Bai, Hegoafrika eta Euskal Herria eta Espainia bi errealitate dira, baina dilema etikoa hor dago. Egunotan ikusi dugu Espainiaren zuzenbide estatua delako hori nolakoa den: Guillem Agullo 18 urteko ezkertiarra labankadaz hil zuten gazte faxistek 1993an, Valentzian, nazirik ez zioen besokoa zeramalako soinean. Hiltzaileek Cara al Sol ereserkia kantatu zuten eraso eta gero. Horietako bat zigortu zuten, Pedro Cuevas: 14 urteko kartzela. Lau urte besterik ez zuen bete. Kartzelatik irten ondoren Alianza Nacional eskuin-muturreko alderdiaren hautagaia izan da Cuevas. Agullo hil eta 20 urtera, Juan Gómez Monterok, Plataforma per Catalunya alderdi xenofoboak Santa Coloma de Grameneten (Bartzelonan) duen zinegotziak, hauxe esan zuen duela hiru aste: «Agullo putaseme bat zen, eta oraintxe bertan dagoen lekuan oso ondo dago». Fiskaltzaren hitzik ez. Lucia Etxebarria idazlearen erantzuna bere blogean: «Bihar esaten badut ETAren biktima bat putakumea zela eta dagoen lekuan ondo dagoela, ez dut ulertzen zergatik lepora diezadaketen terrorismoaren apologia egitea, eta gizon hau inork ez salatzea». Etxebarriak adierazi duenez, ETAk bere osaba bahitu zuen. Familia mehatxatuta egon da. Zer gertatuko litzateke baten batek ozenki esango balu Carrero Blanco eta beste batzuk putakume itzelak zirela eta hiltzea merezi zutela? Militante antifaxista batek Juan Gomez Montero hilko balu haren pentsaera faxista, arrazista eta kriminalagatik, zilegi izango litzateke esatea Santa Colomako zinegotzia putaseme galanta zela eta dagoen lekuan ondo dagoela? Zer dio Espainiako Estatuko Fiskaltza Nagusiak horretaz?
Egilea Machado de Assis 1839an jaio zen, Rio de Janeiroko auzo txiro batean. Unibertsitate-ikasketarik gabeko gizona, bere kontura hasi zen idazten: olerkiak eta kontakizun erromantikoak lehendabizi, saiakerak eta antzezlanak geroxeago. 1881ean idatzi zuen erabateko berrikuntza ekarri zuen lehendabiziko eleberria: Memórias póstumas de Brás Cubas. Umore zorrotzez egindako azterketa psikologikoak dira nagusi Machado de Assisen lanetan, eta gogotik astintzen ditu garai hartako gizartearen eta burgesiaren jokabideak. Kritikari askoren esanetan, Machado de Assisekin hasi zen horren ezaguna den Brasilgo eta Hego Amerikako literatura-korrontea: errealismo magikoa. Euskaraz ere topa daitezke Machado de Assisen zenbait lan. Horietan nabarmentzekoa, On Casmurro (Dom Casmurro), Literatura Unibertsala bildumaren barruan argitaratua. Kontakizun laburrak ere landu zituen idazle brasildarrak, hizkuntza fina eta jasoa baliatuz landu ere. Várias histórias bildumako ipuin honetan, dotore jasotzen ditu egileak bere ustez batere itxurarik gabeko pertsonaia baten miseriak. Eta, orain-oraingoa ez izanagatik ere, ederki antzematen da gaur egungo Rio de Janeiroko biztanleek zer-nolako umorez eta berezitasunez begiratzen dieten munduari eta mundutarrei. Diplomatikoa Neskamea jangelan sartu zen, eta, jendez inguratutako mahaira gerturatuta, ahopean hitz egin zion etxekoandreari. Premiazko zerbaiten eske ari zitzaion, antza, berehalaxe altxatu baitzen etxekoandrea. —Zain geratuko gara, Adelaide andrea? —Ez itxaron, Rangel jauna; segi lasai, gero sartuko naiz ni. Rangel Zorteen liburua irakurtzen ari zen. Orriari bira eman, eta izenburu bat errezitatu zuen: «Inork maite ote zaitu isilpean». Sekulako zalaparta; neska-mutil gazteek irribarre egin zioten elkarri. 1854ko San Joan gaua zen, Mangueiras kaleko etxe batean. João zen etxeko nagusia, João Viegas, eta alaba bat zuen, Joaninha. Urtero-urtero elkartzen ziren senitartekoak eta lagunak; San Joan sua egiten zuten etxe aurrean, ohiko patata erreak jaten zituzten eta zortea irakurtzen zuten. Afaria ere izaten zen, batzuetan dantzaldi eta guzti, baita prenda-jokoren bat ere, guztia familia-giroan. João Viegas eskribaua zen, Gorteko auzitegi zibil batean. —Goazen. Nor hasiko da orain? —galdetu zuen—. Felismina andreak hasi behar du. Ea inork maite duen isilpean. Felismina andreak irribarre hits bat egin zuen. Berrogeitaka urteko emakume prestua zen, ez prenda eta ez errenta, eta senar bila bizi zen, bere fedearen disimuluan. Erabateko irtenaldia emanagatik ere, bazen egiarik. Felismina andrea izaki bihozbera eta otzanen eredu agortua zen, gainontzekoei atsegin emateko jaioak diruditen horietakoa. Dadoak hartu eta jaurti egin zituen, konplazentzia fedegabez. Hamarrekoa, entzun ziren bi ahots. Rangelek orriaren barrenera eraman zituen begiak; zenbakiari zegokion laukia topatu, eta barrukoa irakurri zuen: baietz zioen, bazela baten bat, eta igandean topatu behar zuela elizan, mezatara joatean. Mahaikide guztiek zoriondu egin zuten Felismina andrea; irribarre zaputz batek irten zion, bere baitan itxaropenik bazuen ere. Besteek ere hartu zituzten dadoak, eta Rangelek haien zortea irakurtzen jarraitu zuen, banan-banan. Erabateko elokuentziaz irakurtzen zuen. Noizean behin, betaurrekoak kendu eta patxadaz garbitzen zituen, lihozko zapiaren ertzarekin –lihoa zela erakusteko edo zerion jasmin-usaina zabaltzeko–. Zalea zen manera handiak erakusteko, eta «diplomatikoa» deitzen zioten. —Tira, diplomatiko hori, segi irakurtzen. Rangelek inarrosi egin zuen; zorte bat irakurtzea ahaztu zitzaion, beste aldean zegoen nesken mahaira begira baitzebilen. Haietakoren bat gustatzen ote zitzaion? Goazen, bada, zatika. Ezkongabea zen; halabeharrez, ez bokazioz. Gaztetan, izan zuen maite-jolasik, baina, urteek aurrera egin ahala, handinahiak jo zuen, eta ezkongabe jarraitu zuen, berrogeita bat urtera iritsi arte. Inoiz edo behin ibili zen bere bizi-mailaz gaindiko neskaren baten ondoren, eta esperoan galdu zuen denbora alferrik. Abokatu ospetsu eta aberats baten dantzaldietara ere joan izan zen; agiriak kopiatzen zizkion Rangelek lege-gizonari, eta hark babes handia ematen zion. Dantzaldi haietan, bulegoan bezalaxe, jarrera otzana eta esanekoa izaten zuen; korridoreetan ematen zituen gauak atzera eta aurrera, aretoan zelatan, emakumeak pasatzen ikusiz, hamaika bizkar zoragarri eta gerrialde lirain begiekin janez. Inbidia zien gizonezkoei, eta kopiatu egiten zituen. Burua berotuta eta ausart irteten zen handik. Dantzaldirik ezean, elizako jaietara joaten zen, hiriko neska gazte prestuenak ikusiko ote zituen. Bazekien jauregi inperialeko aretora joaten ere, segizio egunetan, eta adi-adi egoten zen, noiz ikusiko sartzen gorteko dama handiak eta pertsonak, ministroak, jeneralak, diplomazialariak, epaileak eta halakoak. Guzti-guztiak ezagutzen zituen, pertsonak eta zalgurdiak. Dantzaldietatik bezalaxe bueltatzen zen festetatik eta segizioetatik ere: oldartsu, sutsu, kolpe batez fortunari heltzeko prest. Okerrena da, ordea, poetak zioen hesi hori egoten dela galburuaren eta eskuaren atean, eta Rangel ez zen hesiei jauzi egiteko gizasemea. Irudimenarekin bai, edozer egiten zuen, emakumeak bahitu eta hiriak suntsitu. Makina bat aldiz izan zen Estatuko ministro, eta emanak zituen hamaikatxo dekretu eta kortesia. Enperadore izateraino ere iritsi zen, egun batez, abenduaren 2an, jauregiko plazako desfiletik bueltan zihoala; iraultza bat irudikatu zuen horretarako, odol pixka bat isurita, ez asko, baita diktadura onbera bat ere, eskribau-lanetako ika-mika txiki batzuei mendeku hartzeko baino ez. Hemen kanpoan, ordea, balentria guztiak alegia huts ziren. Egiaz, otzana eta neurritsua zen. Berrogei urte eginda, zapuztuta zeuzkan anbizio-itxaropenak; baina jite bertsukoa segitzen zuen, eta, ezkontzeko borondatea izanagatik ere, ezin topatu andregairik. Batek baino gehiagok hartuko zukeen gustu handiz, baina, zuhurtziaren zuhurtziaz, galdu egiten zituen guztiak. Egun batez, Joaninha jo zuen begiz; hemeretzi urte beteak, begi eder eta sosegatuak zituen, gizonezkoekin traturik ezagutzen ez zutenak. Rangelek neska koskorra zenetik ezagutzen zuen; eramana zuen besoetan, Pasealeku Publikoan, baita Lapako gau beroetan ere. Nola hitz egin, ordea, maitasun-kontuez? Baina, bestalde, etxekoekin zituen harremanak zirela eta, gerta zitekeen ezkontza hori taxutzea. Hori edo kito bestela. Orduko hartan, hesia ez zen horren garaia, eta galburua, berriz, txikia; nahikoa zen ahalegin txiki bat egin eta besoa luzatzea, zuztarretik ateratzeko. Rangel lantegi horrekin zebilen azkeneko hilabeteetan. Ez zuen, ordea, besorik luzatzen, aurrez alde guztietara begiratu ezean, inor ba ote zetorren edo; eta, baten bat agertzen bazen, ospa egiten zuen disimuluan. Luzatzen zuenean, berriz, haize-ufada batek astintzen zuen galburua, edota txori txikiren bat inguratzen zen orri lehorren ingurura. Eta ez zuen besterik behar eskua erretiratzeko. Halaxe eguna joan eta eguna etorri, eta zapuztu egiten zitzaion grina, estualdi-ordu luzeen ondorioz; gerora, itxaropen hobeak etortzen zitzaizkion. Oraingo honetan, aldean zuen lehendabiziko amodio-gutuna, eskura emateko prest. Izan zituen aurretik ere bizpahiru aukera ederrak, baina beti geroko-geroko. Hain da luzea gaua! Bien bitartean, zortea irakurtzen jarraitzen zuen, profeta baten solemnitatez. Inguruan, giro alaia zen nagusi. Ahapeka edo algaraka, edo guztiak batera hizketan. Osaba Rufino, familiako adar-jotzailea, batetik bestera zebilen mahaian, luma bat hartu eta neska gazteei belarri atzean kilimak egiten. João Viegas lagun bat iritsiko zain zegoen amorratzen, Calisto. Non ote zebilen Calisto? —Tira, faborez, mahaia behar dut; goazen bisiten gelara. Adelaide andrea zetorren; afaltzeko mahaia prestatzen ari ziren. Guztiak irten ziren, eta ederki asko ikusten zen zeinen liraina zen eskribauaren alaba, oinez zihoala. Rangelek maite-begi handiekin jarraitu zion. Joaninha leihora urreratu zen une batez, prenda-joko bat prestatzen ari ziren bitartean, eta Rangel ere atzetik joan zitzaion; orduantxe zen garaia gutuna emateko. Pareko etxe handi batean, ospakizun bat ikusten zen, dantzan ari ziren. Begira zegoen neska, eta bera ere begira geratu zen. Leihoetatik, bikoteak ikusten ziren joan-etorrian, kadentziaz; emakumeak zetak eta dentelak soinean zituztela, eta gizonezkoak, berriz, lirain eta dotore, batzuk medaila eta guzti. Inoiz edo behin, diamantezko lepokoren baten bristada, bizkor eta ihesi, dantzan bira hartzean. Bikoteak solasean, txarratelak distiratsu, gizonezkoen buruak inklinatuta, abanikoak astintzen, guztia ere zatitxotan, leihoetatik barrena. Ez zen egongela osoa ikusten, baina asma zitekeen gainerakoa. Berak, behinik behin, guztia ezagutzen zuen, eta dena kontatzen zion eskribauaren alabari. Baina handikeriaren deabrua, lotan zirudiena, gure gizonaren bihotzean sartu zen pailazokeriak egitera, eta hara non hasi zen neska gaztearen bihotza ere seduzitu nahian. —Ezagutzen dut nik bat han ederki asko emango lukeena—, esan zuen Rangelek ahopean. Eta Joaninhak, inozentziaz: —Zerorri. Losintxatuta, Rangelek irribarre egin zuen, eta ez zuen asmatu ezer esaten. Morroiei eta gidariei begiratu zien; uniformez jantzita zeuden, kalean taldeka solasean edota zalgurdien estalpean eratzanda. Gurdiak izendatzeari ekin zion: horrako hori Olindarena, beste hura Maranguaperena. Une horretan, beste bat agertu zen, Lapa kalearen albotik, eta Mangueiras kalean sartu zen. Parean geratu zen: morroiak jaitsi eta atea ireki zion. Kapela kendu eta tentetu egin zen. Barrutik, burusoil bat, buru bat, gizon bat, bi galai, eta, atzetik, aberats jantzitako andre bat irten ziren; atarian sartu, eta barrenean bi lore-ontzi handirekin apaindutako eskailerak igo zituzten, alfonbraz estaliak. —Joaninha, Rangel jauna... Prenda-joko madarikatua! Orduantxe zebilkion buruan proposamen bat, igotzen ari ziren senar-emazteen aitzakian, eta natural asko emango zion eskutitza... Men egin, eta neska gaztearen parean eseri zen Rangel. Adelaide andreak zuzentzen zuen prenda-jokoa, eta izenak jasotzen zituen; pertsona bakoitzak lore bat izan behar zuen. Osaba Rufino adar-jotzaileak, jakina, kuia-lorea hartu zuen berarentzat. Rangelek, berriz, hutsaltasunari ihes egin nahirik, buruz konparatu zituen loreak eta, etxekoandreak zer aukeratu zuen galdetu zionean, hauxe erantzun zuen samurtasunez eta patxadaz: —Gau-lorea, andre hori. —Okerrena da Calisto ez dagoela hemen! —bota zuen eskribauak hasperenez. —Etortzekoa al zen? —Bai. Atzo izan zen notariotzan, apropos joanda, eta esan zidan berandu baina etorriko zela, kontatzeko harekin: zerbait zuen Carioca kalean... —Barka, hona hemen beste bi lagun gehiago! —entzun zen ozen korridorean. —Azkenik! Hementxe dugu! João Viegas atea irekitzera joan zen; Calisto zen. Mutil gazte bitxi batekin zetorren, eta guztiei aurkeztu zien: —«Queirós, Miserikordia Etxeko langilea; ez da nire senitartekoa, antza badu ere; igual-igualak baikara gu biok...». Barre egin zuten guztiek; Calistoren irtenaldia zen, deabrua baino zatarragoa bera. Queirós, berriz, hogeita sei-zazpi bat urteko mutil ederra zen, ile beltzarana, begi beltzak eta bereziki lerdena. Neska gazteak uzkurtu samarrik geratu ziren; Felismina andreak hartu zuen hitza. — Prendatan ari ginen, zatozte zuek ere, nahi baduzue —esan zuen etxekoandreak—. Jokatu nahi, Queirós jauna? Queirósek baiezkoa eman zuen, eta gainerako pertsonak aztertzeari ekin zion. Ezagutzen zituen batzuk, eta pare bat hitz egin zituen haiekin. João Viegasi esan zion aspaldian zuela hura ezagutzeko gogoa, aitak zor zion faboreren bat zela eta, foro-konturen batean. João Viegasek ez zuen gogoan, eta ez zen oroitu zertaz ari zen zehaztean ere; baina gustatu egin zitzaion kontu haren berri izatea, jendaurrean. Guztiei begira geratu zen minutu batzuetan, isilean. Queirósek bete-betean ekin zion jokoari. Ordu erdia igarotzerako, etxean bezalaxe zegoen. Etorri handiko gizona, zalutasunez mintzo zen, keinu natural eta bat-batekoez lagunduta. Sekulako zigor-errepertorioa zuen prenda-jokorako, eta zoratzen zeuzkan bertaratu guztiak; inork ere ez zituen hobeto gidatzen, horrenbeste mugimendu eta animaziorekin, batera eta bestera joanez, taldeak osatuz, eserlekuei tira eginez, neska-gazteei hitz eginez, txiki-txikitatik elkarrekin jolasean ibilitakoak balira bezala. —Joaninha andrea, etorri hona, eserleku honetara; Cesária andrea, zatoz alde honetara, zutik, eta Camilo jauna beste ate hartatik sartuko da... Horrela ez: hara, honela, ze bestela... Eserlekuan tente, harri eginda zegoen Rangel. Nondik nora, ordea, halako aldagoia? Eta aldagoi horrek ekarritako haizeak gizonezkoen kapelak eraman zituen, eta ileak endredatuta utzi zituen pozik eta algaraka zebiltzan neska-gazteak: Queirós gora eta Queirós behera, Queirós bazter guztietan. Rangel harri eginda egotetik mortifikaziora igaro zen. Aginte-makila erori zitzaion eskuetatik. Ez zion begiratu ere egiten, ez zuen barre egiten hark zioenarekin, eta elkor erantzuten zion. Hitzei eutsi eta bere artean pikutara bidaltzen zuen; tentel eta kaskarintzat zuen, barre eragiten zuen ergeltzat, jai-giroko gauetan guztia izaten baita festa. Baina, bere artean horiek eta okerragoak errepikatzen bazituen ere, ez zuen bake onik. Gorriak ari zen ikusten, bere amodio propioaren barrenean; eta okerrena da Queirósek tankera hartu ziola haren sufrimenduari, eta, are okerrago, Rangel bera ere jabetua zen bestearen oharpenaz. Rangelek, inon ziren mentura guztiak amesten zituen bezalaxe, mendekuak ere opa zizkion. Bere buruan, txiki-txiki eginda utzi zuen Queirós; ondoren, hondamendi bat bururatu zitzaion, nahikoa zen ondoez bat, gogor samarra, berehala uxatzeko arrotz hura handik. Zer ondoez, gero! Deabru hark gero eta alaiago zirudien, eta txundituta zeukan areto osoa. Joaninha bera, beti horren eratsua izanik, dir-dir zebilen Queirósen eskuetan, gainerako neska-gazte guztiak bezalaxe; eta guztiek ziruditen, gizon eta emakume, haren esanetan. Dantza-kontuak aipatu zituenean, neska gazteak osaba Rufinorengana arrimatu ziren, eta flautarekin kontradantza bat jotzeko eskatu zioten; bakarra, ez ziotela besterik eskatuko. —Ezin dut, babak min ematen dit. —Flauta? —oihukatu zuen Calistok—. Eskatu, eskatu Queirósi zerbait jotzeko, orduan ikusiko duzue flauta jotzea zer den... Zoaz eta ekar ezazu, Rufino. Entzun nola jotzen duen Queirósek. Ez dakizue zer-nolako talentua daukan flautarekin! Queirósek Casta Diva jo zuen. Bai kontu barregarria! —Rangelek bere artean—. Kaleko mutiko zapoek ere txistuz jotzen dute eta. Begira-begira geratzen zitzaion, zeharka, ikusteko hura ote zen gizonaren piura; eta ondorioztatu zuen musika-tresna arlotea zela flauta. Joaninhari ere egin zion so, eta ikusi zuen, gainerako guztiak bezalaxe, aho-zabalik zegoela Queirósi begira-begira, abestiaren doinuekin liluratuta, eta izuak hartu zuen, auskalo zergatik. Joaninharen tankera berekoak ziren gainerakoen begitarteak ere, eta, hala, arrotza are gorrotagarriago eginarazi zion zerbait sentitu zuen. Flauta isildu zenean, Joaninhak beste guztiek baino gutxiago txalo jo zuen, eta Rangelek duda izan zuen betiko neurritasun hori ote zen, edota beste zirrara bereziren bat... Gutuna entregatzeko irrikaz zegoen. Iritsi zen afalordua. Guztiak nahaspilan sartu ziren jangelan, eta, Rangelen zorionerako, Joaninharen pare-parean tokatu zitzaion mahaian; sekula baino ederragoak zituen begiak, inoizko adierazkorrenak, ez zuten betikoak ere ematen. Rangelek isilpean gozatu zituen, eta atzera eraiki zuen Queirós deabru horrek kolpetik suntsitu zion amets hura guztia. Eta, halaxe, berriro ere neska gaztearen alboan ikusi zuen bere burua, alokatuko zuen etxean, eta ametsetako urre guztiekin apaindu zuen bientzako maitasun-habia hura. Loteria ere tokatu zitzaion, eta irabazitako guztia zeta eta bitxitan gastatu zuen, bere emazte eder Joaninharentzat. Rangeltar Joaninha, Rangeltar Joaninha andrea, Joana Rangel Viegas andrea, edo Joana Cândida Rangel Viegas andrea... Ezin, bada, Cândida kendu... — Tira, egin dezagun topa, Diplomatiko jauna... Bota zure horietako bat... Rangel esnatu egin zen; mahai guztia ari zen osaba Rufinoren eskaria errepikatzen; Joaninha bera ere halaxe ari zen; egiteko topa, iaz bezalaxe. Rangelek baiezkoa eman zuen, oilo-hegal hura akabatu orduko egingo zuela. Zalaparta, laudorioak ahopeka; neska gazte batek zioen ez zuela inoiz entzun Rangelen hitzik, eta Adelaide andreak, berriz: — Ez ala? —galdetu zion harri eta zur—. Ez dakizu zeinen ondo hitz egiten duen, a zer azalpenak, hitzak horren ondo aukeratuta, eta nolako manera dotoreak... Jaten ari zen bitartean, oroitzapenak ekartzen ari zen, ideia-zatiak, esaldiak eta metaforak taxutzen laguntzeko. Amaitu, eta zutitu egin zen. Kontent ageri zen itxuraz, seguru. Ibili-ibili eginda, ate-joka agertu zitzaizkion. Kito azkenean kontakizunen istilu hura, akabo gatzik gabeko txantxak, eta berarengana gerturatu ziren kontu zuzen eta serioren bat aditzeko. Ingurura begiratu zuen, eta guztien begiak begira-begira ikusi zituen, zain. Ez guztiak, ordea: Joaninharenak Queirósi begira zeuden, eta harenak, berriz, bide erdian zituen bueltan zain, promesaz betetako kabalkadan. Rangel zuri geratu zen. Eztarrian akabatu zitzaizkion hitzak; baina egin beharra zeukan, zain zeuzkan, atseginez, isil-isilik. Hala-hola hitz egin zuen. Hain zuzen, etxeko nagusiaren eta alabaren alde egin zuen topa. Jainkoaren pentsamendu deitu zion alabari, hilezkortasunetik errealitatera eramana; hiru urte aurretik ere esana zuen hori bera, ahaztuta edukiko ahal zuten. Familiaren santutegiaz ere mintzatu zen, adiskidetasunaren aldareaz, eta esker-onarenaz, bihotz garbien lorea zela esanez. Zenbat eta kontu pattalagoak, orduan eta esaldi apainagoak eta arranditsuagoak. Hamar minutuko hitzalditxoa bostean akabatu zuen, eta eseri egin zen. Baina ez zen hor amaitu kontua. Queirós berehalaxe altxatu zen, bizpahiru minutura, beste behin topa egiteko, eta are bizkorrago eta osoago nagusitu zen isiltasuna. Joaninhak bere golkora begiratu zuen, erabat gorrituta, zer esango ote zuen; hotzikara batek astindu zuen Rangel. —Etxe honetako adiskide entzutetsuak, Rangel jaunak —ekin zion Queirósek— gaur ospatzen ari garen santuaren izena daramaten bi pertsona izan ditu gogoan; nik, berriz, etxe honetako benetako santaren alde egingo dut topa, Adelaide andrea. Hango txalo-zaparrada! Adelaide andreak, losintxaz, gonbidatu guztien zorionak jaso zituen. Alaba ez zen zorion hutsean geratu. —Ama! Ama! —egin zuen oihu, altxatuz, eta besarkatu eta hiruzpalau aldiz musu eman zion; sekulako gutuna bi pertsonak irakurtzeko. Rangel suminetik adore-faltara igaro zen, eta, afaria amaitu ostean, erretiratzea pentsatu zuen. Baina itxaropenak, begi berdeak dituen deabru horrek, gelditzeko eskatu zion, baita geratu ere. Auskalo! Guztia iragankorra zen, gau bateko kontua, sanjoanetako maitasuna; azken batean, bera familiako adiskidea zen, eta estimu handitan zuen sendiak; nahikoa zen neska gaztearen eskua eskatzea, lortzeko. Eta gerta zitekeen Queirós delako horrek ez edukitzea ezkontzeko bitartekorik. Zer enplegu-klase zeukan Miserikordia Etxean? Bigarren mailako lanen bat akaso... Eta, horretan zebilela, zeharka begiratu zien Queirósen jantziei; alkandoraren brodatuak miatu zituen, prakak belaun-parean urratuta ote zeuzkan, ea zapatak zer moduz, eta azkenean aitortu zuen mutil dotorea zela; baina ziurrenik diru guztia horretan xahutu bide zuen, eta ezkontzea ez da berriketako kontua. Akaso, gainera, ama alarguna izango zuen, eta arreba ezkongabeak... Rangel bakarra zen. —Osaba Rufino, jo kontradantza bat. —Ezin dut; digestioa mozten da afalostean flauta joz gero. Goazen jokora. Rangelek esan zuen ezin zuela jokatu, buruko minez zegoela: baina Joaninha gerturatu zitzaion, eta berarekin jokatzeko eskatu zion, bikoteka. —«Erdi bana egingo dugu », esan zuen neskak irribarrez; Rangelek ere barre txikia egin eta onartu egin zuen. Bata bestearen ondoan eseri ziren. Joaninhak kontuak esaten zizkion, barre egiten zuen, begi eder haiek altxatzen zizkion, ezinegonez, burua alde guztietara astinduz. Rangel hobeto zegoen, eta luze gabe ederki sentitu zen. Arduragabe zebilen, zenbaki batzuk ahazten zituen, eta Joaninhak hatzez seinalatzen zizkion —ninfa baten hatzak, zioen bere artean—; deskuiduak nahita egiten hasi zen, neskaren hatzak ikustearren, eta entzuteko nola esaten zion: «Despistatuta zabiltza; gure dirua galduko dugu, gero!». Rangelek pentsatu zuen gutuna mahaipetik ematea; baina, adierazi gabeko maitasuna izanik, agian izuak hartuko zuen eta guztia pikutara bidali; abisatuta zegoen egin beharra. Mahaiaren bueltan begiratu zuen: buru guztiak kartetara begira zeuden, zenbakiei adi-adi so. Orduan, eskuinerantz egin zuen, eta Joaninharen kartetara eraman zituen begiak, zerbait egiaztatzeko bezala. —Bi dauzkazu dagoeneko, esan zion Rangelek. —Bi ez, hiru. —Hiru, egia da, bai. Hiru. Entzun... —Eta zuk? —Nik bi. —Zer bi, gero? Lau dira eta! Halaxe ziren; makurtuta erakutsi zizkion, belarriarekin ia Rangelen ezpainak ukituz; ondoren, begira geratu zitzaion, barrez eta buruarekin keinu eginez: «Ene, ene!». Rangelek erabateko pozez entzun zuen hori; hain zen goxoa haren ahotsa, horren ezaguna adierazpide hura, gerritik heldu eta ameskerien betiereko balsari ekin zion. Etxea, mahaia, gonbidatuak, guztia desagertu zen irudimenaren ahalmenez, eta errealitate bakarra geratu zen, biak batera, espazioan biraka, eurei argi egitearren apropos piztutako milioika izarren azpian. Ez karta eta ez ezer. Goizaldera, guztiak leihorantz gerturatu ziren, pareko dantzaldiko gonbidatuak irteten ikustera. Rangelek atzerantz egin zuen, izuaren izuz. Elkar hartuta ikusi zituen Queirósen eta Joaninha ederraren hatzak. Azalpen bat asmatu nahi izan zuen, iruditu egingo zitzaiola, baina, bata uxatu orduko, beste hainbat eta hainbat etortzen zitzaizkion, sekula amaitzen ez diren olatuen tankeran. Ezin zuen ulertu nola zen nahikoa gau bakar bat, ordu gutxi batzuk, bi izaki hala lotzeko; baina horixe erakusten zuten bien jarrerek, bien begiek, hitzek, barreek, baita goizaldean agur esateko modu malenkoniatsuak ere. Lur jota irten zen. Gau bakar bat, ordu batzuk baino ez! Berandu heldu zen etxera, eta ohean etzan zen, ez lotarako, negar-zotinka hasteko baizik. Bakar-bakarrik zela joan zitzaizkion itxurakeriak, eta jada ez zen diplomatikoa, memelo hutsa baizik, etxean bueltaka, garrasika, umeen pare negarrez, erabateko atsekabez, udazkeneko maitasun triste horregatik. Deabru gizajo hura, maitakeriaz, sortasunez eta itxurakeriaz egina, finean, Otelo bezain zorigaiztokoa zen, eta akabera are krudelagoa izan zuen. Otelok garbitu egin zuen Desdemona; gure maitemindua, ordea, inork sekula pasioaren izpirik susmatu ere egin gabe, Queirósen aitabitxi izan zen, handik sei hilabetera Joaninharekin ezkondu zenean. Ez zioten jitea aldatu ez gertakariek, ez urteek. Paraguaiko gerra hasi zenean, askotan pentsatu zuen ofizial joatea, boluntario; ez zuen sekula egin. Baina irabazi zituen guduren batzuk, eta brigadier amaitu zuen.
booktegi.eus AITZINOHARRA Aspaldiko asmo bati erantzun nahi dio esku artean duzun Gero liburuaren edizio honek, irakurle, agerikoa baitzen Axularren obrak uluka eskatzen zuela irakurbideak erraztea. Izan ere, maiz aipatua eta laudatua ohi den arren, gutxi dira oraindik orain Gero irakurtzera ausartzen direnak, handiegiak baitira, nonbait, ohiko trabak eta behaztopak, eta are handiagoa, halaber, egungo irakurlearen errealitatetik atzematen den urruntasuna, tematikoa eta kronologikoa bezainbeste linguistikoa bera ere. Ez dugu ezer eransteko liburuaren gaiari dagokionez, anitz mintzatu baita Axularrek eskaintzen duen bidearen gaitzaz eta urruntasunaz; bai, ordea, haren mintzora iristeko bideaz, huraxe baitu urdazubiarrak aberastasunik preziatuena, eta huraxe baita orain guk hemen, zertxobait bederen, erraztu dezakeguna. Irakurleari edizio lauagoa eta adierrazagoa eskain zekiokeela iruditurik, beraz, ekin zitzaion egokitzapen-lanari. Pare bat baldintza bete behar zuen egokitzapenak, halere. Batetik, bisualki erakargarria behar zuen moldaketa berriak, oro har faksimila bezain nekezak gertatzen baitira begientzat kaleratutako edizio trinkotuak, eta, bestetik, egungo hizkuntza estandarrera ahalik gehien hurbilduaz paratua. Bi xede nagusi horiek ikusmiran prestatu dugu honako bertsio hau. Badakigu, jakin, ortodoxia filologikoak nekez onets litzakeen jolasak burutu direla bertan, baina argi izan dugu hasieratik Axularri irakurleak areagotzea zela helburua, ez filologiak, ez literaturak, ez euskarak berak ez baitute ezer irabazten liburua, orain arte bezalatsu, altxor eta harribitxien gordailuan bere purutasunean gorderik izatearekin. Mamia mami, soineko berria behar zuen kalera ateratzeko, eta horretan ahalegindu gara hemen. Jakina, horretarako hamaika deabrukeria barkagaitz egin dizkiogu testuari, betiere sintaxia errespetatuz eta, oro har, irakurle gehienen mesederako izan daitezkeelakoan: Axularren hizkeratik urrun geratu diren aditzak erabili ditugu; zeharo estandarizatua nahi genukeen euskarara ekarri ditugu haren ortografia eta lexiko gehiena; neutralizatu egin dira euskara hedatuenean erabiltzen ez diren moldeak (genitiboan doan objektu zuzena, besteak beste); behar eta ahal izan denetan, jatorrizko puntuatze-sistema ere ukitu da; jolas erretorikoak gorabehera, sintaxiaren aginduei jarraituz uztartu dira hainbat esaldi, haietakoren bat luze geratu bada ere; aipuak-eta solasen eredua erabiliz taxutu dira, testua arinago eta mamia ageriago aterako zirelakoan, etab. Eta hori guztia gutxi bailitzan, zuzendu eta eguneratu ere egin dizkiogu Axularri Vulgatatik ateratako aipamenen erreferentziak, betiere egun eskuragarri dugun Elizen Arteko Bibliak darabiltzan laburdurez baliaturik. Horrezaz gain, latinez emandako gainerako aipamenak ere badakigu ez zirela Axularrek zuzen-zuzenean erabilitako testuetatik jasoak izan, bitartekari askotxo erabili baitzuen zeregin horretarako, baina, edonola ere, haien jatorrizko jatorria –barka argigarria izan nahi duen erredundantzia– identifikatzen saiatu gara eta, ondorioz, urdazubiarrak aipatzen dituen obretako pasarteak ahalik ongien ematen. Beste inon ez duzu, irakurle, hainbeste berrikuntza eta hainbeste traizio uztarturik aurkituko. Baina guztiak –honatx gure barkaziorako itxaropena– gure klasikorik goratuenaren obrara iristeko bidea lauago bilakatzearren burutuak. Irakurtzeari ekitea baino ez zaizu falta, hortaz. Hemendik aurrera, zuk zeuk egiaztatu beharko duzu zenbateraino izan daitekeen interesgarri Geron barneratzeko erronka edota, kasurik okerrenean, noraino geratzen den labur eta antzu hemen eskaintzen zaizun ahalegina. Nolanahi ere, gure desiorik hoberenak daramatzazu XVII. mendeko argi-ilunetara eramango zaituen bidaia horretan. Aramaion, 2017ko urtarrilaren 15ean Patxi Salaberri Muñoa GOMENDIOZKO KARTA Ene jaun BERTRAND ETXAUZ, Toursko Artzapezpiku, Frantziako Lehenbiziko Erremusinari, Ordenako aitonen seme eta Erregeren Kontseilari famatuari. ZERUKO LORIA Neure jaun maitea: Joan zatzaizkit lurretik, baina ez gogotik eta ez bihotzetik. Bidean nentorren. Ez didazu itxaron. Ordea, eneak dira faltak, enea da hobena. Gerotik gerora ibili naiz, eta hala dabilenari gertatu ohi zaiona gertatu zait niri ere. Baina, guztiarekin ere, neure obligazio handiek, ontasun errezibituek eta betiere enekiko obrekin batean erakutsi duzun borondate borondatetsuak ez didate uzten, ondotik bederen zutaz oroitzapen egin gabe, liburutto hau kanpora ateratzeko ausartzia hartzen. Zeren iruditzen zait ezen oraino bizi zarela, begien aurrean zaitudala; eta halatan, hala bazintut bezala mintzatu nahi natzaizu. Aita prestu ohorezko bat hiltzen denean, ondotik gelditzen den seme umezurtza anitz lekutan da bere aitarengatik ongi etorria eta arraiki errezibitua. Liburutto hau da umezurtza, posthumus, aita hilez gero sortua. Baina zu bezalako aitaren semea, umezurtz izanagatik ere, ezin dateke gaizki, zeren ondotik ere, zure prestutasuna, ohorea eta fama ona baliatuko baitzaizkio. Eta zure prestutasunaz, ohoreaz eta aurreko eta ondoko fama on famatuaz nork zer esango du? Nor da Euskal Herrian, aldez edo moldez, zordun eta obligatua ez zaizunik? Behar izan eta enplegatu ez zaituenik? Eta baliatu ez zatzaizkionik? Zure etxea, egon eta ibili zaren leku guztietan, betiere izan da euskaldunen etxea, pausalekua eta portua. Guztiek zuregana laster. Zuri bere arrangurak, egitekoak, koaitak eta ondikoak konta. Eta zuk guztiak arraiki eta alaiki errezibi, zuhurki kontseila, gida, goberna eta burutan atera. Zu izan zara eta izango zara euskaldunen ohorea, habea, jabea, sostengua eta kantabriar fina, naturala eta egiazkoa. Zu izan zara, Etxauz, mendi Pirinioetan, Aldudeko hegaletan betiere zentinela eta begirale bezala iratzarririk dagoen jauregi eta gaztelu handi, eder, noble hartako seme. Hango bizkondeak eta seme guztiak izan dira betiere, egundainoz gero, erregez enplegatuak, estimatuak, fin eta leial frogatuak, eta bai egiazko fedearen eta legearen defendatzaile eta aitzinatzaile buruzagiak ere. Nafarroa Behereko parte haietan, beste anitz lekutan bezala, lege katoliko santua irudiz ahultzera, kordokatzera eta erortzera zihoanean, badaki munduak nola zure aita jauna, bere etxeaz, ondasunez eta biziaz ere kontu gutxi eginik, joan zen Donapaleura, non baitzen orduan Nafarroako Parlamentua. Eta han, ausartzia handi batekin, bere bihotz kristau noblearekin hasi zen, ezpata biluzia eskuan harturik, oihuz, Matatias bat bere denboran bezala, esaten zuela: –Omnis qui habet zelum legis, statuens testamentum exeat post me (1M 2:27). Ea, kristauak, kristau izenarekin izana duzuenak! Beste egiteko guztiak utzirik, hurbil zakizkidate, jarraiki zakizkidate, eta egiazko legea eta fedea mantentzen eta sostengatzen lagun iezadazue! Eta hainbat egin zuen, non bere herria eta ingurunekoak ere haietan sartzera zihoan eritasunetik begiratu baitzituen. Eta gero handik hartako herraz eta mendekuz bere jauregi ederra erre zioten. Honelakoak ziren zure aita jauna eta bai beste aitzinekoak ere. Bada, ez duzu zuk ere zeure arrazaz ukatu; ez zara zeure leinutik eta etorkitik hastandu, berezi eta ez aldaratu. Zeren zuk ere, Baionako apezpiku zinenean eta bisitan zenbiltzanean, ikusirik ezen elizatik kanpoan zebiltzan jende batzuek nahi zituztela bere azken finean gorputzak elizan sartu eta ehortzi, zeure bisita hautsirik, Nafarroako hiru estatuak bildurik, joan zinen Gortera, eta, han anitz buruhauste iraganik, kontrakarra izanik, ekarri zenuen gero ere behar zen erremedioa eta handik aurrera halako desordenuak debekatzeko ordenantza eta agindua. Beraz, ez zara zu ere zeure aitzinekoen kristautasunaren gibelatzaile izan. Bada, ez eta ohorearen iraungitzaile ere. Aitzitik, badirudi ezen zuk xedea aitzinatu duzula, marra iragan duzula eta Etxauzko etxearen arropa gorriaz beztitzeko bidetan izan zarela. Zeren ez da ez dakienik ezen erregek hartarako hautatu eta izendatu zintuela; eta kolpea huts egin bada ere, ez dela zure faltaz edo zu hartako ez gai izanez huts egin, zeren, utzirik alde batera zure merezimendu handiak eta elizari, erregeri eta jende guztiari anitz okasiotan egin dizkiezun zerbitzuak eta endrezuak, naturak berak ere anitz donu, dohain eta abantaila motaz dotatu, hornitu eta konplitu baitzaitu, adimen eder bat, memoria handi bat eta borondate onera, ohorera eta prestutasunera erori bat, isuri bat eta eman bat eman baitizu. Baina zertarako sartzen naiz ni itsas hondargabe honetan? Ezin atera naitekeen oihanean? Zure laudorioen aipamenean? Berak dira bere buruz aski gora mintzo; berak dira bere baitan aski argi eta ozen. Utz ditzadan, beraz, nik haiek, hutsik ez dagidan. Eta iragaten naizela aitzina, esan dezadan hutsik egin gabe zer ere idatziko baita euskaraz, hura guztia, euskaldunen buruzagi bezala, zuri dagokizula, zuri zor zaizula eta, arrazoiz, orain ere zuri aurkeztu behar zaizula. Eta guztiz ere, zure zerbitzari ttipi honen lan apur hau, gerotik gerora egitekoak luzatzeak zenbat kalte dakarkeen zuk hain ongi dakizun puntu hau, nori egongo zaio zuri ez badagokizu? Nork gidatuko, nork ostatuko du, zuk egiten ez baduzu? Zure gerizan doa, zure itzalaren azpian benturatzen da. Errezibi ezazu, bada; defenda ezazu, alde zakizkio, egiozu begitarte. Aurki bedi liburutto honetan Etxauz eta Etxauzen omena eta izena. Zeren, halatan eta harekin batean, ibiliko den leku guztietan, burua gora ekarriko du, burupe izango du eta, inoren beldurrik gabe, jendartera bere begitartea ausarki aterako du. Bai, ordea, joan zara, lekuz aldatu zara, hemengo aldia egin duzu. Egia da; hala da. Eta aldez damu dut eta aldez atsegin. Damu, zeren ez baitzaio inori ere handik niri bezainbat kalte etorri. Atsegin, zeren nola ez baikara bi mendetako eta zuk zeurea hain ongi, hain ohorezki eta dohatsuki iragan baituzu, esperantza baitut zeruko lorian, Jainkoaren konpainian, kreditu handiarekin zaudela; eta hortik helduko zatzaizkidala, eskua emango didazula, eta arranoak airean doanean bere umeetara bezala, zuk ere enegana begia edukiko duzula. Eta gero nik ere –hemengo aldia egin hurran baitut–, Jainkoaren graziarekin eta zure arartekotasunarekin batean, zure zorte ona erdietsiko dudala; eta orduan, guztiez eskerrak errendatuko dizkizudala. Jainkoak hala nahi duela! Zure zerbitzari ttipiena eta obligatuena. P. AXULAR APPROBATIONES Visis per nos Vicarium Generalem Illustrissimi ac Reverendissimi D. D. Francisci Fouquet Episcopi Bayonensis, attestationibus de mandato eiusdem Domini factis et supra insertis, dictum de non procrastinanda poenitentia librum imprimi permisimus. Datum Bayonae anno Domini 1642, die secunda Decembris. PERRIQUET Vicar. General. Hunc librum de non procrastinanda poenitentia authore Domino Petro de Axular, viro magni nominis in nostra Cantabria, ac celebri nuper rectore de Sara, mandato Illustrissimi Domini Domini mei Episcopi Bayonensis accurate evolvi, et in eo nihil adversum fidel pietatique, sed recta omnia ornata, et ad bonos mores multum conducentia, iudicasse ego infra scriptus testor. Datum apud Sanctum Ioannem de Lus die quarto decembris anno Domini millesimo sexcentesimo quadragesimo secundo. SALVATUS DISANETXE Ego infra scriptus iussu Illustrissimi ac Reverendissimi Domini Domini mei Episcopi Bayonensis attente legi librum de poenitentia non differenda cantabrico idiomate a Domino Petro de Axular meritissimo olim rectore de Sara compositum, in quo omnia orthodoxae fidei et bonis moribus consona reperi, atque uberem authoris facundiam magna cum erudictione ac singulari pietate conjunctam non semel admiratus sum. Ideo in lucem perutiliter prodire posse censeo ac iudico. Datum apud Sanctum Ioannem de Luz die 25 Decembris millesimo sexcentesimo quadragesimo secundo. PETRUS DURTUBIA Doctor Theologus IRAKURLEARI Egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizik ez zen lekuan nengoela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa ez zuela deusek ere hainbat kalte egiten arimarako eta ez gorputzerako ere nola egitekoak geroko uzteak, egunetik egunera, biharretik biharrera luzatzeak; eta on zatekeela gauza honetaz liburu bat, euskaraz, guztiz ere euskararik baizik ez zekitenentzat, egitea; eta hartan, «gero» dioenak «bego» dioela erakustea. Konpainia berean galdetu zen berehala ea nori emango zitzaion liburua egiteko ardura. Eta beste guztien artetik, hasi zitzaizkidan niri neroni aditzera ematen, lehenbizian keinuz eta aieruz, eta gero, azkenean, argi eta agerriz, nik behar nituela egiteko hartan eskuak sartu. Ordea, nola ez bainintzen neure buruaz fida, desenkusatu nintzen ahal bezainbat. Baina alferrik, zeren hain zinez eta batean lotu zitzaizkidan, non ezetz esateko bide guztiak itxi baitzizkidaten. Eta hala erabaki nuen, buru-eragozgarri bezala, liburutto bat, bi partetan partiturik, gero honen gainean egitea. Eta nahi nituzkeen bi parteak elkarrekin eta batean atera. Baina ikusirik zein gauza gutxi aurkitzen den euskaraz idatzirik, goganbehartu naiz eta beldurtu ez diren bideak aski seguru eta garbi, baden bitartean zenbait traba edo behaztopa-harri. Eta, halatan, erabaki dut lehenbiziko parte hau lehenik benturatzeko eta berri jakitera bezala aitzinera igortzeko, honek zer iragaten den, zer begitarte izaten duen eta nor nola mintzo den abisu eman diezadan, gero, abisu haren arabera, etorkizunera gobernatzeko eta bigarren partea kanpora ateratzeko edo barrenean gelditzeko eta estaltzeko. Badakit anitzek miretsiko duela eta aurkituko arrotz eta estrainio ni lan honi lotzea, zeren anitz izan baita orainokoan, eta baita orain ere, ni ez bezalakorik, ni baino honetarako gaiagorik eta antzetsuagorik, ez baitute, guztiarekin ere, orainokoan honelako materiatan honela ausartziarik eta eskudantziarik hartu. Baitirudi ezen asko behar litzatekeela arrazoi hau ni gibelatzeko eta geldiarazteko ere. Baina ene kontra dela dirudien arrazoi honek beronek ni adoretzen eta aitzinatzen nau; honek bihotz ematen dit; hau aurkitzen dut nik neure alde eta fabore, zeren entseiukarrean bezala egiten diren lehenbiziko obrek eta entseguek, zenbait huts eta falta izanagatik ere, badirudi ezen, zeren lehenak diren, barkakizun direla eta batbederak disimulatzeko, ez ikusi irudi egiteko eta, are, desenkusatzeko dituela. Badakit, halaber, ezin heda naitekeela euskarako mintzatze-molde guztietara, zeren anitz moldez eta diferenteki mintzatzen baitira Euskal Herrian. Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Lapurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Araba herrian eta beste anitz lekutan, batak esaten du behatzea eta besteak so egitea; batak haserretzea eta besteak samurtzea; batak ilkitzea, besteak jalgitea; batak atea, besteak borta; batak erratea, besteak esatea; batak irakurtzea, besteak leitzea; batak liskartzea, besteak ahakartzea; batak auzoa, besteak barridea; batak aitonen semea, besteak zalduna. Azken batean, batbederak bere gisara, antzora eta moldera. Ez dituzte euskaldun guztiek legeak eta azturak bat, eta ez euskarazko mintzatzea ere, zeren erresumak baitituzte diferente. Bada, idazteaz denaz bezainbatean ere ez naiz egiteko gabe. Zeren bada honetan ere diferentzia: batak idazten du chehero, besteak gehero; batak chedea, besteak gedea; batak ichilik, besteak igilik; batak lachoa, besteak lajoa; batak choil, besteak joil; batak kecho, besteak kejo; batak chuchen, besteak jugen. Eta honela, bada besterik ere, zenbait hitz, batak eta besteak, nork bere herriko edo erresumako arauaz diferenteki idazten baitituzte. Ordea, zeren ez baitira hamar bat hitz edo baizik honela diferenteki eta bi aldetara idazten direnak, halatan nik ere zenbait aldiz idatziko ditut alde batera liburuan barrena eta beste aldera liburuaren bazterrean –in margine–, batbederak kontentatzerik izan dezan. Azkenik, idazte honen gainean diot ezen, nola latinak bi i eta bi v egiten baititu bat eta hartzen bakartzat –adiicio, coniicio, vultus, vulnus–, eta espainolak ere bi l egiten baititu bat– llamo, lloro–, hala euskarak ere bi t egiten dituela bat –ttipia, ttipittoa, gizonttoa, haurttoa–, zeren idaztea chipia, chipichoa, gizonchoa, haurchoa ez da ongi heldu euskaraz ongi mintzatzen direnen artean. Baina, zeren eskuarki hala idaztea nola mintzatzea nori berea iruditzen baitzaio hoberenik eta ederrenik, eta ene hau ez baita zurea bezala, ez, otoi, hargatik arbuia eta ez gaitz esan. Honetaz kontent ez bazara, egizu zuk zeure moldera eta zure herrian erabiltzen eta segitzen den bezala. Zeren ez naiz ni hargatik bekaiztuko eta ez muturturik gaitzez jarriko. Aitzitik, hau da nik nahi nukeen gauzetarik bat: ene entsegu apur honek kilika zintzan, eta gutizia, entsegu hobeago bat egitera eta ene hemengo faltak ere erremediatzera. Zeren, halatan, ez litzateke euskara hain labur, eskas eta ez hertsi nola munduak uste baitu –eta baitauka– dela. Orain badirudi euskarak ahalke dela, arrotz dela, ez dela jendartean ausart, entregu, bitore eta ez trebe, zeren, are bere herrikoen artean ere, ez baitakite batzuek nola idatzi eta ez nola irakurri. Baldin egin balitz euskaraz hainbat liburu nola egin baita latinez, frantsesez edo beste erdaraz eta hizkuntzaz, haiek bezain aberatsa eta konplitua izango zen euskara ere, eta baldin hala ez bada, euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak. Ez dut liburutto hau letratu handientzat egiten, eta ez, soil, deus ez dakitenentzat ere. Ez eta, ez ditut betiere Eskritura Santua eta doktoreen esanak ere hitzez hitz euskarara bihurtzen, zeren euskara eta beste hizkuntzak diferente baitira. Ordea, ez da, ez, handik segitzen gaiztoago dela euskara. Aitzitik, badirudi ezen beste hizkuntza eta lengoaia arrunt guztiak bata bestearekin nahasiak direla, baina euskara bere lehenbiziko hastean eta garbitasunean dagoela. Baina euskara eta euskara mintzatzeko eta idazteko moldeak eta diferentziak utzirik –zeren haiek azala eta lorea bezala baitira–, har ezazu liburutto honen fruitua, barreneko mamia; hau dasta ezazu, hau eskuzta ezazu, irakurtzen duzula ez lehiaz, ez gaingiroki eta ez arbuiatzeko kontuan ere, baina intentzio on batekin, zeurea, zeuk egina bazenu bezala. Eta baldin halatan eta orduan batere gozorik edo zaporerik aurkitzen badiozu, zeren hura guztia Jainkoagandik heldu baitateke eta ez enegandik faltarik baizik, hari eskerrak eman iezazkiozu, eta nitaz ere otoitz egiteaz, arren otoi, oroit zaitez. ASKI Gure Jaungoikoak, munduko beste gauza guztien ondoan, gizona bera, beregainki, bere imajinara eta irudira, batere bekaturik eta bekaturen kutsurik ere gabe, anitz donu, dohain eta abantaila motaz dotaturik egin zuenean (Has 1:26-27), ipini zuen berehala lurrak zuen parterik eta aurkintzarik hoberenean, lurreko paradisuan, leku plazerez betean. Eta agindu zion landu zezala, labora zezala eta begira ongi paradisu hura: Posuit eum in paradiso voluptatis, ut operaretur, et custodiret illum (Has 2:15). Ordea, nola lur-lantzea, apaintzea, laboratzea eta begiratzeko beharrean eta premian ere jartzea bekatutik sortzen eta heldu diren txertoak, landareak, fruituak eta ondoreak baitira, eta oraino orduan ez baitzen bekaturik eta ez bekatuaren aierurik, omenik eta ez aipamenik ere, badirudi ezen ez zela, halaber, oraino orduan, paradisu hura lantzeko eta begiratzeko premiarik. Zertarako, beraz, eman zion orduan Jainkoak gizonari agindu hura? Ihardesten du san Tomasek (S. Th., 1, 102, 3: 21-22), esaten duela: –Nec tamen, illa operatio esset laboriosa sicut post peccatum, sed fuisset jucunda, propter experimentum virtutis naturae. Custodia etiam illa non fuisset contra invasorem, sed esset ad hoc, quod homo sibi Paradisum custodiret ne ipsum amitteret peccando. Ez zen, ez, orduko lan egite hura penagarri izango, orain bekatu eginez gero bezala; baina hura izango zen atsegin-hartze bat eta, bere plazerera eta aisiara zegoela, bere indarraren eta antzearen frogatze bat. Eta begiratzea ere, ez etsaietatik baina beregandik eta beretzat bekatuz galtzetik begiratzea izango zen. Honela dio san Tomasek. Baina san Krisostomok ematen du beste arrazoi bat, ni narraion puntuari hobeki hurbiltzen zaiona, esaten duela (14. hom. : Genes. 2): –Propterea praecepit Deus ut operaretur illum. Si enim laboris omnis fuisset expers, ex nimio otio, in ignaviam fuisset prolapsus. Egia da: ez zen oraino orduan lur-paradisu hartan egitekorik, ez zen lan egiteko premiarik. Ordea, halarik ere, ez zuen nahi Jainkoak han zegoena egon zedin geldirik, lanik ez egitetik alfertzera eta nagitzera etor ez zedin, eta zein gauza gaiztoa zen –eta den– alferkeria aditzera emateagatik. Kontatzen du Kasianok (XVIII. lib., 14. k.) Paulo abade zahar hura, palma adar batzuk harturik, haietaz zare, saski eta otarre egiten aritzen zela eta gero, azkenean, egin ondoan, astearen buruan guztiak erretzen eta desegiten zituela, zeren, bataz, nola herrietatik urrun baitzegoen, gehiago baitzekarkeen garraioaren gastuak obraren balioak baino, eta berriz, bestea, zeren lan hura guztia, oraziotan eta otoitzetan unatu ondoan, alferkeriatik ihes egiteagatik hartzen baitzuen, eta ez ondoko irabaziagatik. Gure Jaungoikoak eman zituen Lege Zaharrean seiehun eta gehiago agindu eta zeremonia-mota eta, haiekin batean, hainbat egiteko, non esaten baitu jondoni Petrik ez berak eta ez haren aitzinekoek ere ezin bururik egin zutela eta ez jasan hain karga handia: – Quod neque patres nostri, neque nos portare potuimus (Eg 15:10). Eta nahi baduzue jakin ea zergatik kargatu zituen Jainkoak hainbat aginduz, ihardesten du doktore batek (A. Madrigal, “Abulentsea”: Levitico, prefazioa): –Ut per operationes variorum sacrificiorum otiositas tolleretur, quae multis malis initium tribuit et fomentum. Kargatu zituen hainbat aginduz, sakrifizioz eta zeremonia-motaz, haiekin batean ken zedin hainbat kalteren eta damuren haste eta pizgarri den alfertasuna. Nola gure Jaungoikoak jantzi baitzituen lurreko animaliak, aireko hegaztiak, itsasoko arrainak eta oihaneko zuhaitzak ere bere beztimenda-mota batzuez –animaliak larruz eta ilez, hegaztiak lumaz, arrainak ezkataz eta zuhaitzak azalez–, eta nola zuhaitzak, bere dauden lekuetatik higitu gabe eta lan egin ere gabe, bere azpiko lurraren gozoa eta gizentasuna beregana bere erroez tiratuz eta edoskiz, hazten, handitzen eta mantentzen baitira, animaliek ere bere bazkak eta jatekoak, berehala, eho gabe, erre eta egosi gabe jaten baitituzte, eta bai bere etxeak eta etzauntzak ere, nonahi den, arrasten eta iluntzen zaien lekuan hartzen, eta gehienak, berehala, bere amen ondotik baitoaz –zein baitira abantaila handiak–, hala Jainkoak, nahi izan balu, eman ziezazkiokeen gizonari ere abantaila-mota hauek guztiok eta gehiago ere: jantzi zukeen, etxedun egin zukeen eta, deus kostatu gabe, behar zuen guztiarekin ipini zukeen. Ordea, ez zuen hala ipini nahi izan. Eta zergatik ez? Alfer egon ez zedin eta, san Anbrosiok dioen bezala (Expositio Evang. Luc., “Prolog.”, 6), errezibitu duen adimena enplega dezan: –Soli autem homini, ut rationale quod accepit, exerceat, vitae cursus in labore praescribitur. Zeren baldin orain, gauza guztiak hain nekez eta hainbat kostaturik erdiesten ditugularik, hain nagi eta alfer bagara, zer egingo genuke nahi dugun guztia nahi bezala eskuen artean bagenu? Deus falta ez balitzaigu? Esan genezake Ebanjelioko aberats hark bezala (Lk 12:19): –Anima, habes multa bona, posita in annos plurimos, requiesce, comede, bibe, epulare. Dezagun jan eta edan, dezagun pausa eta atsegin har, zeren berdin ez dugu deusen eskasik, ez dugu egun hauetan eskean ibiltzeko arriskurik. 1 Esaten du Aristotelesek (Politica, V, 11. k.) on dela alferkeria herritik kentzeko eta desterratzeko, eta herriak ere bere erregeren edo besteren kontra jaikitzetik begiratzeko, zenbait obra handi hastea, zenbait dorre edo gaztelu egitea, eta haietan jendea enplegatzea, nola ageri baita Egiptoko piramideetan, zein eginarazi baitzituen errege faraonek jendeak alfer egon ez zitezen. Iruditurik errege hari ezen, baldin Israeleko seme gatibu bezala bere azpian zeuzkan haiek –iragaten baitziren seiehun mila pertsonatan– uzten bazituen bere plazerera eta aisiara bizitzen, harrotzeko eta nagusitzeko bidean jarriko zirela eta handik behar ez zena sortuko zela, egin zuen piramide batzuk egiteko gogoeta, asmoa eta pentsua. Eta piramide haietaz mintzo dela, esaten du san Isidorok (Etymologiae, XV, 11. k., 4): –Pyramides est genus sepulchrorum quadratum fastigiatum ultra omnem celsitudinem, ut a lato incipiant et in angusto finiantur. Piramidea edo Piramideak ziren sepultura-mota batzuk, pilare, harroin edo hilobi lau kantoietako gora altxatu batzuk, egin zitezkeen gorenak, ondoan zabal eta puntan mehar. Eta haietan trabailarazten zituen faraonek bere azpiko jende haiek, seinalaturik batbederari bere eguneko lana eta saila. Eta eskua ipintzea bera asko bazuketen ere, ordea, lanabesak, tresnak eta obra egiteko gai guztiak ere berek bilatu eta hornitu behar zituzten. Eta halarik ere, ezin ausartu zitezkeen arranguratzera, halako moldez ezen hartako lehenbiziko hitza ahotik itzuri zitzaienean, esan baitzien berehala faraonek (Ir 5:17): –Vacatis otio. Asti duzue; zeuen ongiegiak, alferkeriak, aisetasunak irazekitzen dizue; hark horrela kilikatzen eta mintzarazten zaituzte. Eta halatan, aitzinera kargatuago zituen, lana berretu zien. Eta hura guztia egiten zuen, baldin batere astirik bazuten edo alfer bazeuden, handik zerbait etor zekion goganbeharrez eta beldurrez. Pisistrato, Atenasko tirano gaizto hark ikusi zuenean plaza guztia jende alferrez betea eta haietatik anitz malezia eta pentsamendu gaizto sor zitekeela, deitu zituen guztiak beregana. Eta aurrerantzean alfer egoteko aitzakiarik izan ez zezaten, eman zien mando, zamari, idi, hazi, diru, alegia, lan egiteko behar zuten guztia. Eta gero igorri zituen lanera eta trabailura, iruditurik ezen halatan ez zutela kalterik egingo, maleziarik pentsatuko eta ez herririk nahasiko (Eliano, Varia historia, V). Munduko berri dakitenek esan dute eta esaten dute on dela herrientzat eta erresumentzat zenbait egiteko eta gerla bere herritik eta erresumatik kanpoan izatea. Zeren nola batbedera bakearekin lokartzen, axolagabetzen eta gorputzaren plazeretara ematen baita, hala gerlekin, etsaiekin eta arerioekin ernatzen, iratzartzen eta axolduritzen da. Plutarkok egiten du liburu bat etsaietatik ateratzen den probetxuaz (De capienda ex inimicis utilitate), eta guztietako handiena eta garrantzitsuena dio dela alferrak trabailaraztea, lotiak iratzartzea eta antsikabeak antsiatu eta arduratsu egitea. Adiskideen artean garenean, laxo gara, ez daukagu deusez ere konturik. Ez dugu, gaizki mintzatuagatik eta mila erokeria eginagatik ere, ardurarik, zeren baitakigu ezen, adiskide direnez gero, haiek guztiak estaliko eta onera hartuko dizkigutela. Baina etsaien artean garenean, behar dira buru-belarriak ernatu, zer egiten eta esaten den zaindu. Zeren, nola etsaiak betiere zelatan baitaude, zer ere huts edo falta aurkitzen baitute, hura berehala harrapatzen dute eta, are, batzuetan berreturik airatzen eta kanpatzen dute. Hargatik esaten du san Krisostomok (Ad populum Antiochenum, 13. hom. ): –Saepe vero ab inimicis non minus lucramur quam ab amicis. Cum enim nobis peccata exprobraverint, etiam invitos, in ipsorum correctionem excitant. Anitzetan egiten digute etsaiek hainbat ongi eta ontasun nola adiskideek, eta bai batzuetan gehiago ere. Zeren etsaiek, geure faltak esanez eta haietaz erantzuki eginez, ematen digute okasio ernatzeko, iratzartzeko, falta eginak emendatzeko, erremediatzeko eta bai are aitzinera gehiago egitetik ere begiratzeko. Arrazoi honengatik esan daiteke ez zuela egundaino gure Jaungoikoak nahi izan buka zekizkien Israeleko seme haiei bere etsai guztiak, baina ordenatu zuen edo permititu geldi zekien betiere zenbait bakoitz eta hondar iratzartzeko, ernatzeko eta alfertzetik begiratzeko. 2 Irabazi zutenean Lazedemoniakoek bere fronterako hiri etsai bat, mugakide zuten bat, esan zuten Lazedemonia hartako bereko gobernariek (Plutarko, Aphothegmata): –Sublata est pubis nostrae palaestra, non habebunt post hac, quibuscum luctentur adversarios. Egin da gure jende gazteaz; ez dute hemendik aitzina ihardukitzeko paradarik izango eta ez borrokatzeko etsairik. Lazedemoniako haiek berek ez zuten desegin nahi izan hiri aurkari bat, betiere bere kontra eta etsai izan zuten bat, esaten zutela ezen hiri hura zela iuventutis cotem (Plutarko, idem), gaztetasunaren zorroztarria, zeren gazteek han bere indarra eta antzea frogatzen, zorrozten eta herdoiltzetik begiratzen baitzuten. Honen arabera ihardetsi zuen Kleomenes Espartako hark ere galdetu ziotenean ea zergatik, hala bere mendera ezkero, ez zituen bere etsai argostarrak desegin (Plutarko, Laco. ): –Ut habeamus qui iuventutem nostram exerceant. Ez ditut desegin izan dezagun nork gure jende gaztea zertarako den froga dezan. Entzun zuenean Publio Nasikak egotzi zutela Erromakoek herritik Anibal bere etsai handi hura, Kartago ere hartu zutela eta, hainbestez, bere ustez, aurrerantzean seguruan jarri zirela, esan zuen (Plutarko, Aphothegmata): –Atqui nunc in lubrico sumus. Aitzitik, orain gaude egundaino baino limurtzeko eta erortzeko arrisku handiagoan, zeren ez baitugu orain, lehen bezala, iratzartzailerik eta geure eginbidearen eragilerik. Izan zutenean erromatarrek desiratzen zuten abantaila eta garaitia kartagotarren gainean, sartu ziren kontseiluan erromatarrak ea zer egingo zuten Kartagoko hiri hartaz (ikus Agustin, De civitate Dei, 30. k.). Eta Katonek –handikietatik bat baitzen– esan zuen guztiak desegin, lautu eta lurrarekin berdindu behar zuela, zeren bere gerla guztiak eta egitekoak hiri hartatik sortzen zitzaizkiela eta, hura deseginez gero, bakean eta soseguan jarriko zirela. Baina Eszipion kapitain famatu hark, etorkizunari hobeki behaturik, esan zuen ez zutela inolaz ere hiria desegin behar, zeren baldin desegiten bazuten, gerla bat iraungi ustean, beste handiago bat piztuko zutela. Zeren berehala jendea alferkeriari, jan-edanari, esan-mesanei eta aisiak dakarzkeen gaiztakeria-mota guztiei emango zitzaiela, eta handik nahastekak, diferentziak, guduak, auziak, etsaigoak eta kartagotarrekikoa baino gerla arriskutsuagoa bere artean sortuko zitzaiela. Eta hala gertatu zen. Zeren, Eszipionen kontseilua utzirik, hartu zuten Katonena: desegin zuten Kartagoko hiria, jarri ziren bere ustez bakean. Baina Eszipionek esan zien bezala, azkar berak eta Erromako hiria ere beheititu eta erori ziren. Egia hau ezaguturik, Perikles famatu hark mantentzen zuen betiere bere herritik kanpoan zenbait gerla (Plutarko, Pericles). Eta urtero igortzen zituen ontziak, jendez beterik, gerla hartara. Eta haietan bidaltzen zituen aurki zitzakeen alfer guztiak. Eta gero bizitzen zen bake handi batean. Zeren, nola herri guztietan ohi baita eskuarki zenbait alfer eta jende galdu, eta haiek anitz kalte eta nahasteka egiten baitute, ontasun handia heldu zaio herriari halako haiek kentzeaz, nola lurrari ere heldu baitzaio probetxu jorratzeaz eta belar gaiztoak ateratzeaz. Korintiarrak hain zitzaizkien aiher alferrei, ezen ikusten zutenean gizon bat bizi zela errentarik gabe, ofiziorik gabe eta lan egin ere gabe, berehala, beste frogantzarik gabe, bizia kentzen baitzioten, zeren esaten zuten ezen pertsona alfer, ofiziorik eta errentarik ez zuenak ohoinkeriaz, engainuz edo zenbait arte gaiztoz baliatu behar zuela, eta halakoak bizia zor zuela; eta hala edekitzen zioten (Laertzio, VI). Eta on litzateke orain ere halakoekin hala egingo balitz. Solon handiak ordenatu zuen ezen aita batek bere semeari ofiziorik erakusten ez zionean, ez zela seme hura bere aita faboratzera, beharrean ikusiagatik ere, obligatua izango, zeren, ofiziorik ez erakusteaz, alfer eta gaizto izateko bidean eta arriskuan utzi baitzuen bere aitak (Plutarko, Solon, 22). Gimnosofista zeritzen jende batzuek hain gaitzesten zuten alferkeria ezen, betiere, afalaurrean deitzen baitzituzten pertsona gazteak beregana jakiteko ea zertan iragan zuten eguna. Eta baldin frogatzen bazitzaien alferkeriarik, ez zien afariak gaitzik egiten (Patrizio, De republica). Katon Zentsorino hartaz irakurtzen da –zeinek baitzuen alferren gainean esku eta botere– ekartzen ziotenean gizon bat bere aitzinera akusaturik, esaten zela ezen alferra zela, berehala lehenbiziko gauza eskuetako larrua hazkatzen eta ferekatzen ziola; eta baldin latz, lodi eta gogor aurkitzen bazion, ahalik eta arinkien uzten zuela, baina mehe, leun eta bera bazuen, alfertzat kondenaturik, falta gutxigatik ere, bortizki gaztigatzen zuela (Plutarko, Vita Cato Censor. ). Katon hark berak esaten zuen hiru gauzetatik, bere mendean, ahal bezainbat begiratu zela: emakumeari bere sekretuak fidatzetik, lehorrez ahal zihoakeela itsasoz joatetik eta egun guztian alfer egotetik. Lukaniarrek aurkitzen zutenean inork jende alferrei deus prestatzen ziela, ematen zuten berehala sententzia prestatzailearen kontra, zer ere prestatu baitzuen, hura guztia gel zezala (Nikolas Damaszeno, De moribus gentium). Baina nik uste dut ezen ez zela halako sententzia emateko premiarik, bera baitago emana, zeren ez baitu halakoei prestatzaileak kobratzeko arriskurik. Indietako herri batzuetan ez zen bat ere bere gorputzaz balia zitekeenik eskean ibiltzen. Itsuek ere tornuan edo arrodan bederen ari behar zuten (Jeronimo Osorio, De rebus Emmanuelis, XI): –Apud Synas Indiae populos, caeci molas trusatiles versando, sibi victum parant. 3 Lehenagoko filosofo batzuek, ez aitortzeagatik egon zela behin ere Jainkoa alferrik, esan zuten mundu hau, Jainkoa bera bezala, eterno zela eta hastegabe, zeren, bestela, mundua egin arterainoko bitartean alfer egon beharko zuela Jainkoak. Baina ez mundua da eterno eta ez hastegabe, eta ez hargatik egon da Jainkoa egundaino alferrik. Zeren badu, eta bazuen lehen ere, Jainkoak mundua egitea eta gobernatzea baino obra handiagorik, nola baitzen eta baita bere burua kontenplatzea, onestea eta bai besterik ere anitz. Ordea, filosofo haiek eman zuten hartan bere ahal guztiaz aditzera gauza gaiztoa eta arriskutsua zela alferkeria, Jainkoa baitan aurkitzen zela ez aitortzeagatik esan baitzuten erokeria handi bat: Jainkoa bera bezala, mundua ere eterno zela eta hastegabe. Eta puntu batean –mundua hastegabe zela esatean– huts egin bazuten ere, ordea bestean, alfertasuna gauza gaiztoa, arriskutsua eta nork beregandik egoztekoa zela erakustean, ez zuten hutsik egin. Zeren hain da gauza galdua eta galgarria alferkeria, non naturaren beraren ere kontra baita. –Homo nascitur ad laborem et avis ad volatum –dio Jobek (Jb 5:7)–. Gizona sortzen da lanerako eta hegaztia airerako. Nola hegaztiari ematen baitzaizkio hegalak airatzeko eta hegaldatzeko, hala gizonari ere ematen zaizkio eskuak lan egiteko. Munduko gauza guztiek kondenatzen dute alferra, zeren hartaz beste guztiek enplegatzen baitute bere denbora zertarako eginak baitira, hartan. Eguzkiak arrazoirekin esan diezaioke beranduraino ohean datzanari: –Zerk haratza hor, alfer-nagia? Nik atzo hik baino bide gehiago iragan nian, inguratu bainuen mundu guztia, eta orain ere hi baino goizago jaiki nauk. Zuhaitzek ere esan dezakete: –Ez dakusazue nola gu ez gauden behin ere geldirik eta ez alferrik? Nola hazten, handitzen, loratzen eta geure denboretan eta sasoietan fruituz betetzen garen? Bada, adimenik ez duten animaliek ere, behintzat erleek eta txindurriek, arrazoirekin esango digute beha diezaiegula, haien nekeak, lanak eta joan-etorriak kontsidera ditzagula eta, halatan agian, ahalketurik bederen, geure eginbidea egitera eta trabailatzera ernatuko eta erdutuko garela. Erleak, hain gauza ttipiak eta ahulak, betetzen du mundua eztiz, eztitzeko, eta ezkoz, argitzeko. Eta gaitz litzateke kontatzea nola gobernatzen diren erleak elkarren artean, nola duten bere erregea eta obeditzen duten, nola zaharrak erlauntzean barrena etxeko lanak egiten egoten diren, eta gazteak bere mantenuaren eta bizigaien garraioan kanpotik ari diren; nola duten bere ataltzaina, eta behar ere bai, zeren eztiari, nola baita gozo eta, izena duen bezala, ezti, anitz baitarraio eta baitzaio aiher; nola trabailatzen direnek trabailatzen ez diren alferrak eta nagiak ezten kolpez egozten dituzten bere konpainiatik –Expellunt ab alvearibus pigras (Plinio)–; eta nola besterik ere anitz gauza egiten duten, eta guztiak hain ordenantza handiarekin, non baitirudi ezen ez dela erregerik bere erresuma hain ongi gobernatzen duenik, nola erleek bere erregearekin batean lan eginez gobernatzen baitute berea. Bada, txindurriaren gobernuaz, zuhurtziaz, lanaz, etorkizuneko egiten duen probisioaz, horniduraz eta biltzen duen mantenuaz, nork zer esango du? Nork ez du miretsiko eta gogoeta egingo? Espiritu Santuak berak igortzen gaitu animalia ttipitto honengana zer egin behar dugun ikastera, esaten duela (Es 6:6-8): –Vade ad formicam, o piger, et considera vias ejus, et disce sapientiam quae, cum non habeat ducem nec praeceptorem, parat in aestate cibum sibi. Zoaz, nagia, txindurriagana eta kontsidera itzazu haren bideak eta bidexkak, joan-etorriak eta itzulinguruak, nekeak eta lanak, eta ikasiko duzu zuk ere nola behar duzun aitzinera eta betiere bizi, ibili eta gobernatu. Hark erakuslerik eta gidaririk gabe, berak bere buruz biltzen du udan negua iragateko behar duen mantenua, bazka eta bihia. Eta bihi hura gordetzen du lurrean barrena, berak egindako ganbaretan eta bihitegietan. Eta hain da zuhur eta goaitatu ezen, kanpoan deus ezin izanez bere bilduetara bildu behar duenean, lehenik hozitu behar duen burutik hasten baitzaio bihiari, zeren, bestela, sor liteke bihi hura, buztan liteke, belar bihur liteke eta gero, handik aurrera, alferlan gerta lekioke bere lehengo zuhurtzia guztia. Are gehiago: hozidurak janez gero ere, lurraren umidurak eta hezetasunak gainerakoa ustel ez diezaion, ateratzen du noizik behin kanpora airatzera eta eguzkiztatzera. Eta orduan denbora onaren seinalea dateke. Eta halatan eta hala iragaten du txindurriak bere negua eta erakusten dio batbederari nola eta zer moldez behar duen mantendu, gobernatu eta, alferkeria guztiak utzirik, bere denboran trabailatu. II ZENBAT KALTE EGITEN DUEN ALFERKERIAK ETA NOLA HANDIK SORTZEN DEN GEROTIK GERORA IBILTZEA Eskritura Santuak, Elizako doktoreek, lehenagoko jentilek eta, are, zeruko, aireko eta lurreko gauza guztiek ere kondenatzen dute alferra, eta ematen aditzera behar dela trabailatu eta nor bere aldetik bere eginbidea egiten saiatu. Zeren nola ardurako trabailuak lan guztiak aitzinatzen baititu, hala alferkeriak gibelatzen ditu. Galdegiten du san Krisostomok (35. hom. : Acta Apostolorum 16): –Quis equus utilis est, is qui in delitiis, vel qui exercetur? Quae navis, quae navigat, vel quae in litore est? Quae aqua, eane quae fluit vel quae stat? Quod ferrum, an quod movetur, an quo nemo utitur? Nunc quidem illud splendet ac argento simile est, hoc autem rubigine consumitur. Tale quidem fit etiam in otiosa onima. Zein zaldi da on edo hobeago: geldirik eta alferrik bere plazerera dagoena ala ibiltzen eta maneiatzen dena? Zein ontzi: kostan dagoena ala itsasoan dabilena? Zein ur: geldia ala lasterra? Zein burdina: zokoan datzana ala erabiltzen dena? Seguru da guztiak erabiltzeaz, maneiatzeaz eta eskuztatzeaz ontzen, argitzen eta fintzen direla, eta bai alfer eta geldi egoteaz ere galtzen, desegiten eta herdoiltzen. Bada, hau berau gertatzen da alfer dagoena baitan ere. Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen. Ur irakinean ez da eulia pausatzen. Ardurako arropari ez zaio zerrenik egiten. Zuhaitz betakorra ez du inork ebakitzen. Baina alferra, fauna, hutsa, bere sasoian jasaten ez duena, zertarako da? Ut quid etiam terram occupat? (Lk 13:7). Halakoak zertarako trabatuko du lurra? –Nos numeri sumus, fruges consumere nati –dio Horaziok, alferrez mintzo dela (Epistulae, I, 2. ep., 27)–. Gu zenbaki gara, gurekin zenbakiz gehiago, baina gainerakoan ez gara deusetarako, lurreko fruituak eta ondasunak jateko baizik. Zerbitzariak alfer egoteaz beraz, gaizkirik ez eginagatik ere, merezi du gaztigu. Zeren san Krisostomok dioen bezala (16. hom., Epist. ad Ephes. ): –Nihil boni facere, hoc ipsum est malum facere. Ongirik ez egitea bera da gaizki egitea. Eta Katonen esana da (Columela, De Re Rustica, XI, 1. k., 26): –Homines nihil agendo, male agere discunt. Ez deus egiteaz beraz ikasten da gaizki egiten. Otiositas est mater nugarum, noverca virtutum. Alfertasuna da ergelkerien ama eta bertuteen ugazama (B. Claraval, De consider. ad Eugenium, II, 13. k., 22). Eta halatan, ergelkeriek, erokeriek eta bizio-mota guztiek egiten dute laster alfertasunera, zeren ama baitute; baina bertuteek eta obra onek ihes, zeren, nola baitute ugazama, baitakite ez duketela harengandik begitarterik eta ez ongi etorririk. 1 Esaten du Job santuak, Deabruaz mintzo dela (Jb 40:16): –Sub umbra dormit, in secreto calami. Itzalpean, kanaberaren estalgunean eta gerizan egiten du bere loa; han pausatzen da. Kanaberak, nola baita zuhaitz alferra, fruiturik jasaten ez duena eta barrenean ere hutsa, adierazten du pertsona alferra. Eta hartan, nor bere ostatu jakinean bezala, ostatatzen da Deabrua. Hargatik esaten zion san Jeronimok bere adiskide bati (Epist., 125, “Ad Rusticum monachum”, 11): –Facito aliquid boni operis, ut diabolus semper te inveniat occupatum. Ez zaitezela behin ere alferrik egon; egizu betiere zenbait obra on, halatan betiere Deabruak enplegatua ediren zaitzan. –Multam malitiam docuit otiositas –dio Espiritu Santuak (Si 33:29)–. Anitz malezia erakutsi izan du alferkeriak. Ez da maleziarik eta ez pentsamendu gaiztorik pertsona alferrean aurki ez daitekeenik. Asko da esatea alferra dela, hartaz edozein gaiztakeria sinesteko. –Per agrum hominis pigri transivi, et per vineam viri stulti, et ecce totum repleverant urticae et operuerunt superficiem eius spinae, et maceria lapidum destructa est. Quod, cum vidissem, posui in corde meo, et exemplo didici disciplinam. Iragan nintzen gizon nagiaren landatik eta ero gobernugabearen mahastitik –dio Espiritu Santuak (Es 24, 30-32)–, eta guztiak ziren asunez, elorriz eta belar gaiztoz beteak; eta hesiak, herstegiak eta harmorak ere, eroriak eta deseginak. Eta haiek hala ikusi nituenean, egin nuen gogoeta, hartu nuen etsenplu, ikasi nuen zer egin behar nuen, eta zentzatu nintzen besteren gainean. Eta zer den nagiaren landatik eta ero gobernugabearen mahastitik edo ardantzetik iragatea deklaratzen du Glosak (Glosa ordinarioa, Prov. 24), esaten duela: –Per agrum hominis pigri atque per vineam viri stulti transire, est vitam cuiuslibet negligentis inspicere, quam urticae vel spinae replent. Nagiaren landatik eta gobernugabearen mahastitik iragatea da pertsona alferraren eta antsikabearen bizitza eta joan-etorriak kontsideratzea, eta haietan, landa jorratu gabean bezala, anitz asun eta belar gaizto, anitz falta, malezia eta bekatu ediretea. Asuna edireten da alfer-nagiaren landan eta alorrean, zeren urtica figurat acediam; si molliter tangis urit; si fortiter astringis, non pungit, asunak irudikatzen du nagitasuna: baldin malguki, leunki, emeki, nagiki eta balakuz bezala hazkatzen, ferekatzen eta erabiltzen baduzu, erreko zaitu, baina ez, nabasiki eta ausarki estutzen eta marruskatzen baduzu. –Fertilis assiduo si non renovetur aratro,/ nihil nisi cum spinis, gramen habebit ager –dio Ovidiok (Tristia, V, 12. k., 23-24)–. Den lurrik hoberenak ere behar du apaindu, garbitu eta jorratu. Zeren, bestela, belar gaiztoa izango da betiere jaun eta nagusi. –Pestis est mortalibus ignavia (Platon, De Republica). Ez da izurririk eta ez pozoirik nagitasunak edo alferkeriak bezainbat kalte egiten duenik. Badirudi hargatik ez duela nahi izan Jainkoak egon dadin behin ere itsasoa geldirik, baina nahi du ibil dadin, higi dadin, marea dadin. Zeren, bestela, usain liteke, kirats liteke eta, are, apoz, sugez, igelez eta likiskeriaz bete liteke, lakuak, aintzirak eta beste ur geldiak betetzen diren bezala. 2 Pertsona alferra eukazu galdutzat eta hiltzat. Eta handik esaten du Senekak (Epist. ad Lucilium, 82, 3): –Otium sine litteris est vivi hominis sepultura. Letra gabeko aisia, deus ez dakienaren alferkeria, gizon biziaren hobia da eta sepultura. Zeren deus ez dakiena eta egiten ere ez duena pertsona hilaren eta ehortzirik datzanaren pare baita. –Omnium vitiorum quasi magistra quaedam atque origo otiositas –dio san Krisostomok (36. hom., Matth.)–. Bizio guztien eta pentsamendu gaizto guztien zimendu, iturburu eta maisu bezala da alfertasuna. Zeren iturritik ura bezala, alferkeriatik ere sortzen baitira gaiztakeriak. Handik heldu da pobretasuna, erromeskeria, eskean ibiltzea eta bai ohoin izatea ere. –Pigritia est nutrix aegestatis –dio Senekak (De Beneficiis)–. Nagitasuna da beharrizanaren eta pobreziaren unidea eta hazama. Eta esaten du Espiritu Santuak ere (Es 21:5): –Omnis piger in aegestate est. Nagia beti da behar, eskas eta erromes. –Qui furabatur, iam non furetur, magis autem laboret, ut habeat, unde tribuat necessitatem patienti –dio jondoni Paulok (Ef 4:28)–. Ebasten zuenak ez dezala ebats, baina trabaila bedi, maneia bedi eta, halatan, izango du beretzat eta besterentzat. Esan nahi du, baldin trabailatzen bada, ez duela ebatsiko eta ez erromeskeriarik ikusiko. –Aegestatem operata est manus remissa, manus auten fortis divitias parat –dio Espiritu Santuak (Es 10:4)–. Esku laxoak eta alferrak pobretasun dakarke, baina bortitzak eta trabailariak aberastasun biltzen du. –Otiosus Esau amisit primatus benedictionem, quia maluit accipere quam quaerere –dio san Anbrosiok (Epistolarum classis I, 63, Ad Vercel. : 99)–. Esau alferrak galdu zuen bere lehentasuna, zeren nahiago izan zuen hartu ezen ez bilatu. Hala egiten dute beste jende alferrek ere: nahiago dituzte besteren ondasunak zuzen edo makur hartu eta bereak ere bahitu eta saldu, trabailatu baino. Eta gero, ezin har dezaketenean eta ez ebats, eta bahitzekorik eta saltzekorik ere ez dutenean, abiatzen dira eskean, bata eta bestea molestatzen, anitz beltzuri eta bekaizgo izaten dutela eta ateak ere maiz, ez ikusi irudi eginik, ixten zaizkiela. Badirudi ezen hau eman nahi zuela aditzera Espiritu Santuak, esan zuenean (Es 25:17): –Substrahe pedem de domo proximit tui, ne quando satiatus oderit te. Gibela ezazu zeure oina adiskidearen etxetik; ez han maiz ibil, ase ez dezazun, higuin ez zakizkion eta gaitzets ez zaitzan. Zeren san Anbrosiok dioen bezala (Comment. in Epist. ad Thessal. 2, 3. k., 10): –Qui frequenter ad alienam mensam convenit, otio deditus est. Besteren mahaira maiz biltzen denak badirudi alferkeriari emana dela. Eta halakoa eta halakoak, haina eta hainak maiz dira gaizki eta onbehar. Baina, aldez, ez dira errukarri, zeren bere faltaz, lan egin nahi gabe eta etorkizunera ez behatuz halakatu baitira. Paga bezate, beraz, iragan duten aisia eta alferkeria presenteko penaz eta trabailuaz, lehengo asea eta soberania oraingo goseaz eta eskasiaz. –In omni opere bono erit abundantia, ubi autem verba sunt plurima, ibi frequenter aegestas (Es 14:23). Trabailu onean izango da franko eta frankia, baina hitz anitz den lekuan maiz da pobretasuna eta eskasia. Alferrak soil dira hiztun eder, solasturi handi; haien konpainian zarenean, ez da zure aldirik, zu baino haiek hobeki entzunak dira, haientzat da audientzia guztia, haiei dagokie mundua ahoa zabaldurik eta belarriak ernaturik beha. Ordea, gero, azkenean, haiek eskale eta zu emaile. Hau da alferkeriatik edo nagitasunetik heldu den irabazia, pobrezia, erromeskeria, bataren eta bestearen karga eta molestia izatea, ondore gaiztoa, kalte handia. Baina kalte guztien gaineko kaltea, alferkeriatik heldu den handiena –zeini narraiolarik esan baitut nik orainokoan esan dudan guztia– da luzamendua, gerotik gerora ibiltzea. Zeren nagi-alferrak ez du behin ere esaten «egun». Beti «bihar», beti «gero», beti luzamendu. Alfertasuna da gero guztien iturburua, zimendua eta ama, egiteko guztiak egunetik biharrera, presentetik etorkizunera eta gerotik gerora luzatzen dituena. Eta ama honen alaba hau, nagitasunetik eta alferkeriatik sortzen den gero hau da gure galgarria, gure izurria eta egundainotik gure etsai Deabruak gu engainatzeko aurkitu ahal duen biderik eta arterik hoberena, finena eta seguruena. Beraz, guk ere gero honi eduki behar diogu begia. Hau geuregandik kentzen, urruntzen eta etxetik ateratzen behar dugu geure indar guztiaz eta antzeaz saiatu, bermatu, erabaki, eta egun egin behar dugun gauzarik eta egin dezakegunik ez biharko luzatu. III NOLA NAHIKUNDE HUTSETAN ETA DESIRKUNDE SOILETAN IRAGATEN ZAIGUN DENBORA Esaten du Salomonek edo, Salomonen ahotik, Espiritu Santuak (Es 26:14): –Sicut ostium vertitur in cardine suo, sic piger in lectulo suo. Atea bere erroetan bezala itzultzen da nagia ere bere ohean edo kamainan. Atea bere erroetan eta uhaletan ongi jarria eta pausatua dagoenean, errazki ixten da eta irekitzen da; aise alde batera eta bestera erabiltzen da. Ordea, erabiltze haiengatik guztiengatik ere, erabili ondoan bere lekuan eta tokian gelditzen da. Nagia ere negu hotzean, ateak ateari darauntsanean, ohean higitzen da, beste aldera itzultzen da, burua goititurik jartzen da. Ordea, hargatik, itzulinguru haien buruan, lotara bere ohe berora bihurtzen da. Bada, hau berau espiritualki bekatore nagia baitan ere gertatzen da. Bekatoreak egonaren buruan ezagutzen du bide makurra daramala, errebelatua doala. Eta hartzen du zerbait gogo, hartzen du nahikunde bat bide onera bihurtzeko, bizitza berri bati lotzeko eta anarterainoko aztura gaizto guztiak uzteko. Ordea, gero ere, iraultze eta ibiltze haien guztien amaieran, atea bere erroetan eta nagia bere ohean bezala, bere bekatuen xisteran eta etzauntzan baratzen eta gelditzen da. Aztorea eskuan daukazunean, higitzen da, inarrosten da, hegaldatzera apoderatzen eta oldartzen da. Ordea, oldartze haiek egin, eta lehen zegoen eskura bihurtzen da. Hala bihurtzen da, bada, bekatore nagia ere, bere gogoeta on guztien buruan, bere lehengo tornuetara eta maina gaiztoetara. Saiatzen da, baina ahulki; hurbiltzen da, baina ez aski. Halakoengatik esaten du Isaias profetak (Is 37:3): –Venerunt usque ad partum et virtus non est pariendi. Etorri ziren erditzeko puntura; ordea, ez ziren erdi, ez zen hartarako indarrik aski. Hartzen dugu gogo, hartzen dugu borondate obra onak egin behar ditugula, eta etortzen gara egin behar ditugun orenera. Ordea, han ixtitzen eta gibelatzen gara, han anu eta uko egiten dugu, beharrenean huts egiten dugu, zeren hartzen dugun gogo eta borondate hura ez baita fina, ez baita zinezkoa eta ez deliberatuki erabakia; nahikundea baita, eta ez nahia. –Voluntas nova quae mihi esse coeperat, non erat idonea, ad superandam priorem, vetustate roboratam –dio san Agustinek (Confessiones, VIII, 5. k., 10)–. Ene borondate berriak ez zuen indarrik asko borondate zaharra garaitzeko. Lo datzanak, erdi iratzartzen denean, egiten du zenbait mugida, jaiki nahi bat, baina nola ez baita aski zinez bermatzen, berriz lotara bihurtzen da, loa nagusi gelditzen da. Hala dio san Agustinek (ubi supra: 12) gertatzen zitzaiola aldi batez berari ere: –Cogitationes quibus meditabar in te, similes erant conatibus expergisci volentium, qui tamen superati soporis altitudine remerguntur. Munduko atseginek eta plazerek, lo gozo batek bezala, azpian nindukaten, eta noizik behin etortzen zitzaizkidan plazer haietatik ateratzeko eta Jainkoa baitan pentsatzeko desirkunde batzuk. Baina haiek guztiak lotatik iratzarri nahi zuenaren saio eta bermadura ahul batzuk bezala ziren, probetxu gabekoak loa garaitzeko, munduko egitekoetatik ateratzeko indarrik aski ez zutenak. Eta halatan, neure desirkunde on guztien buruan ere neure lehengo ohituretan eta bekatuetan gelditzen nintzen. –Vult et non vult piger –dio Salomonek (Es 13:4)–. Nahi du eta ez du nahi nagiak. Ez du nahi osoa eta ez konplitua. –Pigri vocabulo denotatur, quod vult regnare cum Deo, et non laborare pro Deo: delectant proemia cum pollicentur, deterrent certamina cum iubentur (Beda, Allegorica expositio in Parabolas Salomonis, II, 13. k.). Nahi du nagiak Jainkoaren erresuman parte, ez ordea erresuma hura erdiesteko iragan behar diren lanetan. Sariak alaitzen du, lanak tristatzen du eta izutzen. Ongi egitetik heldu den irabazia ongirik egin gabe nahi luke gozatu. Nahi du joan paradisura, ordea, nekatu gabe. Ez atseginik nahi du utzi eta ez penarik hartu. Herabe du bideari lotzera. –Piger, quasi aeger pedibus (Isidoro, Etymologiae, X, 213). Maingu da, oinak ditu eri, gogoa herbal eta ahul. Nahikundea badu eta badugu; nahia eta obratzea zaigu falta; hura gerorako egozten dugu. Deus ere obratu gabe, deus ere geure gogoak eta borondateak dioskun gauzarik baizik egin gabe, desira hutsen boterez, borondateaz beraz nahi genuke salbatu eta zeruko lorian sartu. Eta desira hauetan, geroko gogoan eta borondatean denbora guztia iragaten zaigu. Esan komuna da infernua desira onez betea dagoela. Zeren han direnek obratu ez bazuten ere, zenbait desira on bederen izan zuten. Ez da inor ere hain gaiztorik, zenbait aldiz bere gaiztakeriak uzteko gogoa etortzen ez zaionik eta zenbait desirkunde on ere izaten ez duenik. Ordea, desirkunde on haiek berak ez dira aski. Zeren haiek lorea bezala dira. Eta nola hartzen ez duen loreaz, atxikitzen ez denaz, botean edo ninikoan galtzen denaz ez baita probetxurik, hala borondateaz beraz, desira hutsaz, soilaz eta bakarraz, obra daitekeela obratu gabe gelditzen denaz ezin dateke probetxurik eta ez fruiturik. Alferrari esan behar zaio egin dezala, eta nagiari higi dadila. Eta hala bata nola bestea, biak orobatsu baitira, biak dira borondate huts; ez dira nahikunderik, desirkunderik, gogorik eta gutiziarik baizik. Eta gutizia haiek berak dira penagarririk aski. Desideria occidunt pigrum (Es 21:25). Esan ohi da (Adagium: Erasmo, Collectanea adagiorum): –Ignavis semper sunt feriae. Nagientzat eta alferrentzat egun guztiak dira festa. Baina hobeki esan liteke halakoentzat festak ere astegun direla, zeren langileak bere lanean baino, anitzetan ere alferrak bere alferkerian lan gehiago aurkitzen baitu. Ageri da errege Dabid baitan. Errege hari ez zioten egundaino gerlek eta gerletako lanek hainbat egiteko eta atsekabe eman, nola alferkeriak eta alfer zegoela egin zituen bekatuek. –Non sunt otiosi quorum voluptates multum negotium habent –dio Senekak (De brevitate vitae, 13, 2)–. Ez daude, ez, alferrik plazeretan dabiltzanak. Zeren plazer haietan bada desplazer eta atsekabe, trabailu eta egiteko. –Dum otio vacant in rem negotiosissimam incidunt (Laertzio, VI, 2. k.). Alfer egoteaz erortzen dira egiteko handitan. –Sicut enim cum quis non comedit, dentibus nocet; ita qui comedit non accomoda stupescere facit (Krisostomo, 36. hom., Acta Apostolorum 16). Nola ez jateak galtzen baititu hortz-haginak, hala behar ez denetik jateak ere hozkitzen ditu. 1 Gauza segurua da eta egiazko fedeak erakusten duena, salbatzeko, zeruko lorian sartzeko ez direla desira onak berak aski, baina behar direla Jainkoaren agindu santuak, desiraz bezala, obraz ere konplitu. Hau da egia, eta egia hau kristau garen guztiok sinesten dugu. Ordea, guztiarekin ere, aurkitzen du gure maleziak eta borondate gaiztoak zenbait itzurbide, zenbait desenkusa eta eskapatzeko bide, obratzea utzirik, desiratan denbora iragateko, luzapenetan ibiltzeko. –Propter frigus piger arare noluit (Es 20:4). Lan egin nahi ez zuenak hotzaren aitzakia egin zuen; barautzera herabe zuenak buruan min zuela esan zuen. –Dicit piger, leo est in via (Es 26:13). Nagiak, bere lekutik higitu nahi ez duenak oztopo handiak edireten ditu, bidean ere lehoia dagoela esaten du. –Occasiones quaerit qui vult recedere ab amico (Es 18:1). Adiskideaz desegin nahi denak, adiskidetasuna hautsi nahi duenak okasioak bilatzen ditu, anitz desenkusa eta estakuru edireten du. Hala aurkitzen ditugu, bada, guk ere okasioak, desenkusak, estakuruak, aitzakiak eta itzurbideak bekatutan egoteko, desirkundetan eta nahikundetan denbora iragateko. Inork ontasunera estutzen zaituenean eta gibela zaudenean, ihardesten diozu hala estutzen zaituenari: –Otoi, orain presenteon barkatu behar didazu; ezin egin dezaket oraino zuk diozuna. Zeren, buruan sartu baitzait fantasia bat, konplitu behar dut fantasia hura; gogora baitzait gutizia bat, iragan behar dut gutizia hura. Apur bat ase behar dut, aspertu behar dut, digeritu behar dut. Eta gero orduan, ase, asper, digeri eta neka nadinean, bianda higuintzen has dakidanean, orduan guztiak utziko ditut, orduan bide on batean jartzea eta finkatzea erabakiko dut. Baina bitartean, anarteraino, ez da zer mintzaturik. Zeren nik orain ahal dukedan guztia da desira ona, geroko gogoa eta intentzioa, eta ez besterik. Ez da bide gaiztoa hau eta honela orain egitea gero fin gaitz egiteko. 2 San Agustinek, frogatuak bezala, anitz gauza esaten du luzapenetan ibiltzeko puntu honen gainean. Kontatzen du nola, bere bizitza gaiztoa uzteko ingurunera zenean, ibili zen ezin etenduz, ezin partituz eta bere baitan ezin erabakiz. Kontatzen du, halaber, zenbat oztopo aurkitzen zuen, zenbat gerla egiten zioten bere lagunek, okasioek eta aztura gaiztoek. Alde batetik, desiratzen zuen bide onean jartzea; hartara bulkatzen zuten bere ama santuaren negarrek, kontzientziaren ausikiek eta Jainkoaren aginduek. Eta bestetik, trabatzen eta gibelatzen zuten lehengo ohiturek eta, guztiz ere, emakumeen balakuek, hitz ederrek eta plazerek. –Tenaciter colligabar a foemina (Agustin, Confessiones, VIII, 1. k., 2). Emakumeek zeukaten bortizki lotua. – Dixeram da mihi castitatem et continentiam, sed noli modo. Timebam enim, ne me cito exaudires eta sanares a morbo concupiscentiae, malebam expleri quam extingui (Confessiones, VIII, 7. k., 17). Emakumeetatik aldentzea hain zitzaion gaitz eta gaitzi, ezen bere otoitzak ere haietaz gerorako, etorkizunerako egiten baitzituen. Zeren beldur zen entzun zezan berehala Jainkoak, eta bere plazerak, gozatu nahizko desira handi batekin bere gogoan zerabiltzanak gibela ziezazkion. Egiteko honetan zebilenean, esaten zion Jainkoari (Confessiones, VIII, 5. k., 12): –Modo, ecce modo, sine paululum. A, Jauna! Uztazu apur bat, itxaron ezazu beste apur bat; ez lehia, ez kexa, ez berantets; berehala naiz zurekin. Honela esaten zuen; honela luzatzen zuen. Eta luzapen hauetan zebilela, denbora handia iragan zitzaion. Ordea, gero ere hura aski goiz bihurtu zen, ez zen azken punturaino egon. Aitzitik, alde batetik eta bestetik bere kontuak eginik, esan zion deliberamendu handi batekin bere adiskide bati (Confessiones, VIII, 6. k., 15): –Ego iam me abrupi, ab illa nostra spe et ideo servire statui, ex hac hora, in loco hoc aggredior. Nitaz denaz bezainbatean, ni kanpoan naiz munduko egitekoetatik, banalorietatik eta esperantza guztietatik. Nik hautsi dut munduarekin, egin dut harekikoaz eta erabaki dut Jainkoa zerbitzatzea. Eta orain bereon, presenteon hasten naiz; ez da ja gehiago geroko gerorik, luzapenik eta ez epetan ibiltzerik. Eta hala, esan bezala, egin ere zuen. Anitz luzapen erabili zuen, baina azkenean guztiak, eta aski goiz, utzi zituen. Baina guk ez dugu hala egiten. Egunetik egunera gabiltza: beti prometa, beti gogo har, eta behin ere ez eten, behin ere ez erabaki eta ez konpli; beti nahi, beti nagi. Nahikunde hutsetan, desirkundetan denbora guztia gal, eta hala gaudela, heriotzak harrapa, atzeman eta har. Ikusiko duzu jende handi batzuen etxeetan Herkules sendo famatu hura pintatua, makila-borra bat edo mailu handi bat eskuan duela, baitirudi ezen, hartaz, etxean sartzen diren guztiei buruak hautsi behar dizkiela. Ordea, nola Herkules hura harriz, zurez edo kobrez egina baita, edo pintura bat baizik ez baita, geldi dago, keinatzea egiten du eta ez besterik. Hala dira, bada, gerotik gerora dabiltzanak ere: keinatzen dute eta ez dute aurtikitzen; destatzen dute eta ez dute desarratzen. Esaten dute: «egingo dut», eta ez dute behin ere egiten. Hala daudela, denbora guztia iragaten zaie, eta berak ere iragaten, hiltzen eta akabatzen dira. IV NOLA EZ DUGUN GEROKO SEGURANTZARIK Badakigu orain darabilgun bizitza bizitza gaiztoa dela eta, gutaz ongi izatekotan, bizitza gaizto hau utzi behar dugula. Ordea, puntua da ea noiz utziko dugun. Eta zuk diozu: «gero». Baina nik diot ezen ez gero, baina orain. Dakusagun ea zeinek dioen hobeki, zeinek duen arrazoia. Eta erakusteko ezen nik dudala, eta zu zoazela huts egina eta bide errealetik eta zabaletik aldaratua eta errebelatua, esadazu behin, egiteko honetan sartu baino lehen: –Zuk baitiozu ezen gero onduko zarela, gero behar diren deskarguak eta eginbideak egingo dituzula, non duzu gero horren segurantza? Ez dakizu, esan komuna den bezala, ez dela heriotza bezain gauza segururik, eta ordua noiz izango den bezain gutxi gerturik? Gure bizitza honek hain du zimendu ahula eta eria, ezen, ongi mintzatzera, ezin esan baitezakegu: “bihar egingo dugu honelako edo halako gauza”. Baina esan behar dugu jondoni Jakuek dioen bezala (St 4:15): –Si Dominus voluerit et si vixerimus, faciemus hoc aut illud. Baldin Jainkoak nahi badu, baldin bizi bagara, egingo dugu hau edo hura. Hargatik esaten du san Mateo ebanjelariak (Mt 25:13): –Vigilate itaque, quia nescitis diem neque horam. Zaudete prestik eta iratzarririk, zeren ez dakizue eguna eta ez orena. Eta badio Espiritu Santuak ere anitz galdu dela bere buruari etorkizunaz sobera prometatuz (Si 29:24): –Repromissio nequissima multos perdidit. Gure lehenbiziko aitaren bekatua dela kausa, harengatik, haren kariaz guztiok gaude preso, guztiok gaude mundu honetako kartzela honetan heriotzara kondenatuak. Baina iragaitzaz bezala, gure heriotzara kondenaturik egoteko puntu hau uki dezadan. Badirudi ezen, gure lehenbiziko aitaren bekatuagatik, ez hark berak eta ez guk ere ez genukeela hil behar, zeren sagar bat edo halako beste fruitu bat jan zuen. Bada, sagar bat jateagatik gizon bat, are bere ondoko guztiekin, heriotzara kondenatzea badirudi justizia berriarena, gehiegikeria eta arrazoiaren kontra dela. Egia da, hala dirudi. Ordea, ez da hala: irudia du, eta ez izana. Aitzitik, sagar bat jateagatik, zeren hain gauza ttipian eta errazean agindua hautsi zuen, aldez hargatik zuen gaztigu gehiago merezi. Batzuek bere laxotasunez, zeren ez baitira kristau finak, barau-eguna beharrik gabe hausten dute. Batarekin eta bestearekin solasean daudela, meza entzun gabe festa egunean uzten dute. Hitz guztiaz ez eta bai asko den lekuan arnegu eta birao egiten dute, eta gero esaten dute: –Baldinba, ez ahal naiz honengatik, honen gauza apurragatik eta honen errazki egin dudanagatik infernurako? Bada, esan nahi dizut ezen, zeren horren gauza errazean, apurrean eta ttipian zeure laxotasuna eta Jainkoaren aginduaz kontu gutxi egitea erakutsi duzun, aldez are horrengatik infernurako zarela. Baldin Jainkoak agindu izan balizu egun guztiak barau zintezela; zur baten edo harri baten gainean, ohetan sartu gabe, etzan zintezela; zilizio bat, zurdazko gerriko bat, larru arras betiere, erabil zenezala; edo, nola esan, honelako beste agindu gaitz bat eman izan balizu, badirudi ez zatekeela miresteko ez konplitzea, eta ez konplituagatik ere, izan zenukeela zerbait aitzakia eta estakuru. Baina gauza ttipian eta errazean, sagar baten debekuan, zer aitzakia, zer estakuru ahal dukezu? Adanek anitz fabore eta abantaila errezibitu zuen Jainkoagandik. Eta gero, haien guztien buruan, zuhaitz bat seinalatu baitzion, esan zion beste guztietatik bai, baina haren fruitutik ez zezala jan. Agindu erraza, debeku ttipia ipini zion. Eta guztiarekin ere, ez zuen begiratu, ez zuen konplitu; hautsi zuen, jan zuen. Arrazoiz, beraz, erraztasun harengatik beragatik ere kondenatu zuen bere ondoko guztiekin heriotzara, zeren ondokoek ere haren izaera hartu baitzuten. Gauza, debekua, ttipia da, baina desobedientzia, handia. Eta hala, justuki dago gure kontra sententzia emana, justuki gaude heriotzara kondenatuak, eta ez dakigu noizko. Beraz, baldin geure buruoz kontu onik eman nahi badugu, kondenaturik dagoen batek bezala behar dugu egon, bizi eta gobernatu. Kartzelan dagoenak jakiten duenean kondenatua dela bizia galtzera, nork esango du nola tristatzen den, zein gogoetatsu jartzen den? Hasten da hasbeherapen egiten, alde batera eta bestera itzultzen. Eta ikusirik ez duela erremediorik, ez duela ihes egiterik, hartzen ditu lehenez beste gogoeta-molde batzuk. Munduaz eta mundukoez etsitzen du; ez du haietaz konturik egiten. Bere kontzientziak, bere arimak ematen dio egiteko. Bere bekatuak pentsatzen ditu, ahalik eta hobekien konfesatzen ditu, batari eta besteari barkamen eskatzen die. Azken batean, ahal bezainbat bere kontzientzia deskargaturik eta garbiturik, heriotzari itxaroten dio. Bada, kartzelan kondenaturik dagoen hark bezala, hala prestaturik, hark dituen gogoetekin behar dugu guk ere egon, bizi eta ibili. Hura biharamuneko bezala, gu ere, ez jakin noizko –benturaz gaurko–, Jainkoaz beraz, Jainkoak sententzia emanik kondenatuak gaudenez geroztik. Sar balitza justiziak hamar gizon kartzelan barrena urkabera kondenaturik, eta handik atera balitza galtzera egun bat, eta bihar edo beste egun batez beste bat edo bi, ote litzateke inor ere, haien artean, bizitza luzearen esperantza lukeenik? Edo, zeren ez duten lehena ateratzen, azkena izango dela seguru litzatekeenik? Ez dut uste. Bada, mundu hau ez da beste gauzarik, gure heriotzara kondenaturik gaudenon kartzela bat baizik. Eta kartzela honetatik ateratzen gaitu Jainkoaren justiziak: egun, bat, bihar beste bat; bata lehen, bestea gero. Ez daki inork noiz; ez da segurantzarik. Beraz, gauden erne, gauden prestik, segurantzarik ez denez geroztik. 1 Arruntean ahotan dabilen solasa da: – Ez dugu geroko segurantzarik; beti gara arriskutan. Eta hala da egia, zeren gutxien uste dugunean, geure gogarenik gaudenean eta aitzinera ere anitz gauza egiteko gogo hartzen dugunean harrapatzen baikaitu heriotzak. –Nescit homo finem suum, sed sicut pisces capiuntur hamo, et aves laqueo comprehenduntur, sic capiuntur homines tempore malo (Koh 9:12). Ez daki gizonak bere amaieraren berririk, baina nola amuak atzematen baititu arrainak, eta hegaztiak segadak, hala gizonak ere atzematen ditu bere heriotzak. Arraina, alha denean, bazkari datxekionean eta bere ustez hobekienik dagoenean harrapatzen du arrantzaleak, eta bai hegaztia ere ehiztariak. Hala harrapatzen du, bada, bekatorea ere heriotzak, bere bekatuei bere gogarenik datxekienean, gozokienik alha zaienean eta gutxien uste duenean. Medikuen esana da pertsona batek sendoen denean duela eritzeko arriskurik gehiena. Eta hala, noiz eta uste baituzu heriotza zuregandik dagoela urrunenik, orduan ohi dago eskuarki hurbilenik. Zorrak ordaindu dituzunean, etxe berria egin duzunean, umeak ezkondu dituzunean, azken batean, zeure egitekoei garaiturik, bake on batean jartzera eta sosegu eta plazer apur bat zeure buruari ematera prestatzen zarenean, han da berehala heriotza. Ez gara deus ere. Beirakiaren pare gara, eta are beirakia baino arriskutsu eta hauskorrago. Ez dugu beirakiak bezainbat indar eta erresistentzia ere. –Quid fragilius vase vitreo? Et tamen servatur et durat per saecula. Etsi casus vitreo vasi timentur, senectus ei et febris non timetur –dio san Agustinek (De Scripturis, 109. serm., 1. k., 1)–. Zer da beirazko ontzia baino gauza samurragorik eta hauskorragorik? Eta alabaina, altxatzen eta begiratzen denean, irauten du mendez mende. Zeren erortzearen arrisku badu ere, ez, ordea, ez du sukarraren edo zahartzearen arriskurik. Beraz, beirakia baino arriskutsuago gara eta ezdeusago, zeren, behaztoparik, eroririk edo eritasunik ez gertatuagatik ere, eta geure buruak ahalik eta hobekien zaindu eta begiratuagatik ere, adinak berak eramaten baikaitu. Beti goaz; ez gara behin ere baratzen. –Quasi aqua dilabimur (2Sm 14:14). Uraren pare gara, ura bezala limurtzen gara. –Corpora nostra rapiuntur, fluminum more (Seneka, Epist. ad Lucilium, 58, 21). Gure gorputzak ur-lasterra bezala doaz. –In idem flumen bis non descendimus. Manet idem fluminis nomen, aqua transmissa est. Ez gara behin ere ur batean bitan sartzen –dio Senekak (ibidem: 22)–; uraren izena beti da bat, ez ordea ura. Zeren, nola beti baitoa eta beti aldatuaz, ez da behin ere lehena. Ez eta, bada, gu ere: nola betiere baikoaz eta beti aldatuaz eta mutatuaz, ez gara behin ere lehenak. Eta ezpere, beha ezazu nola pertsona bat gaztetik zahartzera eta, are, batzuetan urtetik urtera ere aldatzen eta ezeztatzen den irudian ere, lehena ez dirudiela jartzen den, zein diferente egiten den. –Vita nostra naviganti similis est, namque qui navigat stat, iacet, vadit, quia impulsu navis ducitur. Gure bizitza itsasoz doana bezala da –dio san Gregoriok (Epist. : VII, 29. ep., Ad Andream)–. Itsasoz doana, jatean, edatean, lo datzanean eta are jarririk dagoenean ere, badoa, ez da orduan ere baratzen, zeren ontziak, nahi ez badu ere, berarekin baitarama. Hala garamatza, bada, gu ere geure adinak eta denborak berarekin: ez da pausatzerik, ez da gelditzerik eta ez trikatzerik. Galdegiten dizutenean zenbat urte dituzun, eta ihardesten duzunean hogei edo hogeita hamar dituzula, zeren zeure kontuan hala baitituzu, badirudi ez duzula ongi ihardesten. Zeren san Agustinek dioen bezala (De Scripturis, 109. serm., 4. k., 4), –Anni nostri veniunt, ut eant, non enim veniunt ut stent nobiscum. Gure urteak etortzen dira joateko, eta ez gurekin egoteko. Iragan dira; beraz, ezin esan dezakegu baditugula. Eta hala, baldin urte haien buruan jartzen bagara haietaz zer egin diren gogoetan, ez dugu deus aurkituko. Aitzitik, ikusiko dugu sentitu gabe joan zaizkigula eta, nola ez dakigula, zahartu garela. –Tempora labuntur, tacitisque senescimus annis (Ovidio, Fasti, VI, 771. berts.). Denborak badoaz, eta urte isil batzuez, hotsik eta harrabotsik egin gabe zahartzen gara. Esaten da: «honelako bizi izan zen hirurogei urtez», baina hobeki esan liteke hil zela hirurogei urtez (ikus Agustin, Enarratio in Psalm., 127). Zeren sortzen garenean hasten gara hiltzen, orduan abiatzen gara, eta ez gara behin ere baratzen. Lehenik hiltzen da haurtasuna; haurtasunaren ondoan hiltzen da nerabetasuna; nerabetasunaren ondoan hiltzen da gaztetasuna; gaztetasunaren ondoan hiltzen da zahartasuna; zahartasunaren ondoan hiltzen da sentontasuna. Adin guztiak elkarri darraizkio. Iragatea eta hiltzea, guztia da bat. Bata bestearen ondoan doaz, halako moldez ezen, azken adina datorrenerako, amaitu baitirateke lehengo guztiak. Zeren san Gregoriok dioen bezala (Hom. in Evangelia, 37, Lucas 14, 1), –Ipse enim quotidianus deffectus, quid aliud est, quam quaedam prolixitas mortis? Egunetik egunera ahitze eta ahultze hura zer da, luzaro hiltze bat baizik? Zuzia, irazekirik dagoenean bizi da, eta orduan hiltzen da, zeren orduan ahitzen baita. Erretzeaz bizitzen da, eta erretzeaz hiltzen da. Hala, bada, gu ere bizitzeaz hiltzen gara, eta hiltzeaz bizitzen, zeren bizitzen garenean hiltzen baikara. Eta zenbatenaz eta gehiago bizitzen baikara, hainbatenaz heriotzako portura hurbiltzenago gara. Hala esaten du Senekak (Epist. ad Lucilium, 24, 20): –Quotidie morimur, quotidie enim demitur aliqua pars vitae. Egunero hiltzen gara, zeren egunero gure bizitzari zenbait poxin eta parte gutxitzen eta edekitzen baitzaio. Eta are hazten eta handitzen garenean ere, gure bizia ttipitzen eta laburtzen da. Beti doa, eta behin joanez gero, ez da joan denaren bihurtzerik eta ez etorkizunaren segurantzarik. 2 Esan ohi dugu: –Benturaz egun hilko gara, benturaz bihar; ez dugu oren baten segurantzarik. Beraz, lehen baino lehen behar dugu bide onean jarri, engainatuak gerta ez gaitezen. Honela esaten dugu, eta esatea ongi egiten dugu. Ordea, obratzea betiere gerorako uzten dugu; heriotza zahartzerako egozten eta ordenatzen dugu. Ezin sinets dezakegu, adinak berak akabatu arte, akabatuko garela. Esan, bai, nahi duzun bezainbat: «benturaz bihar hilko, benturaz gaur, benturaz ez zahartuko». Ordea, zahartuko bagina bezala geure gauza guztiak egin. Geure nahiarekin batean, geure gogoak hainbat segurantza ematen digu, non zahartu hutsezko punturaino ez garela hilko iruditzen baitzaigu. Esan zienean Deabruak gure lehenbiziko aita-amei Nequaquam moriemini (Has 3:4), «ez zarete hilko», sinetsi zuten berehala eta sinetsi ere kolpe batez, osoki, dudatu gabe. Eta denbora hartan ez zen hain miresteko hala sinestea. Zeren nola baitziren munduko lehenbizikoak, ez zekiten oraino heriotzaren berririk, ez zuten inor hiltzen zela ikusi, eta halatan errazki engainatu zituen. Hala, bada, nahi gintuzke gu ere engainatu; molde berean nahi liguke guri ere ez garela hilko sinetsarazi. Ordea, nola guk orain besteren baitan ikusiz eta geure baitan ere zahartzeaz eta ahultzeaz frogatuz baitakigu segurki eta gertuki hil behar dugula, ez dugula itzurtzerik eta ez inoizko segurantzarik, ezin engaina gaitzake gu gure lehenbiziko aita-ama haiek bezain errazki. Gurekiko, guri ez garela hilko sinetsarazteko edo sinetsiko bagenu bezala eragiteko, beste bide bat hartzen du, beste joko-tailu bat jokatzen du, beste mainaz eta trazaz baliatzen da. Ez osoki, ez kolpe batez, baina apur bana eta egunetik egunera luzatuz harrapatzen gaitu. Sinetsarazten digu ez garela egun hilko, ez garela bihar hilko, eta bihar bezain epe luzerik ez dagoela, eta ez bihar arte bizitzeko esperantza ez duenik. Eta halatan eta handik, nola ez baitugu uste egun hilko garela eta ez bihar ere, bizi gara seguru bagina bezala edo sekulan hilko ez garela bageneki bezala. 3 Ez dakigu noiz hilko garen; ez dakigu noiz izango den gure azken eguna. Ez da, beraz, arrazoi jakin dezagun noiz izango ez den ere. Ordea, badirudi ezen, noiz izango den ez badakigu ere, badakigula noiz izango ez den. Zeren esaten dugu ezen gero, beste urtean onduko garela, orduan honelako eta halako deskargu egingo ditugula. Beraz, badakigu ez dela anarteraino izango, bitartean itxarongo zaigula, edo behintzat esaten eta egiten bederen badugu, bageneki bezala. Guk nahi genuke egin geure bizitzaz eta bizitzeko denboraz oihal puska batez egiten duguna: oihalaren parte bat neurtzen eta ordenatzen dugu kapatarako, beste bat jakatarako eta gainerakoa behar diren beste soinekoak egiteko. Hala, bada, oihalaren bezala geure bizitzaren ere jaun, jabe eta nagusi bagina bezala, ordenatzen dugu bizitzaren parte bat –eta parterik hoberena eta gaiena: gaztetasuna– munduarentzat, eta gero gainerakoa –gaiztoena: zahartasuna– Jainkoarentzat. –Quod in manu fortunae positum est, disponis; quod in tua, dimittis –dio Senekak (De brevitate vitae, 9. k., 1)–. Etorkizuneko gauzak, fortunaren eskuan eta benturan daudenak nahi dituzu oraindanik gobernatu, trazatu eta destatu, eta presentekoak, zeure eskuan dituzunak uzten dituzu galtzen. Duzunaz ez duzu konturik egiten, eta ez duzunaz egin gogo duzu mirakulu. Orain Jainkoak ematen dizkizun bizitza, osasuna, indarra, antzea eta ondasunak nahi dituzu Jainkoaren beraren kontra zabiltzala higatu eta galdu, eta gero, oraino eman ez dizkizunak eta benturaz emango ere ez dizkizunak diozu ezen haren zerbitzuan enplegatuko dituzula. Ikusazu zeure itsutasuna, desgobernua eta galtzeko bidea. Ninivetarrak penitentzia egiteko berrogei egunen epea, espazioa eta segurantza zutelarik, hartara behatu gabe eta azken egunaren begira egon gabe, berehala, lehenbiziko egunean hasi ziren penitentzia egiten eta bere faltak erremediatzen. Eta handik, eta halatan, salbatu ziren. Zergatik, bada, guk ere ez dugu hala egingo? Zergatik utzi behar dugu gerorako, ez berrogei egunen baina baten ere segurantzarik ez dugunez geroztik? Noeren denboran, jaten, edaten, jokatzen, dantzatzen, ezkontzen, salerosi egiten eta etorkizunera anitz gauza ordenatzen, pentsatzen eta trazatzen ari zirela, hartu eta hondatu zituen urak. Hala da, bada, arrisku gerta dakigun guri ere, gerotik gerora gabiltzanoi. Zeren haiek zein gutxi zuten, are guk baitugu haiek baino segurantza gutxiago eta, aitzinera hobeki behatzen ez badugu, galtzeko eta fin gaitz egiteko irudi, arau eta molde gehiago. V NOLA GEROKO BENTURAREN BENTURAN BENTURATURIK GALTZEN GAREN Nola gure Jaungoikoa baita hain on, bihozbera, miserikordioso, pazientziatsu eta etorkor, esaten duzu: –Anitzi itxaron dio eta itxaroten dio zahartu hutsezko punturaino, naturak berak bere ahala egin arte. Beraz, ez dut oraino zer lehiaturik, zeren benturaz hala egingo du enekin ere. «Benturaz» diozu. Eta ez dakizu benturak benturaren jokoak eta tornuak dituela? Hiru bentura-molde, hiru bentura-mota aurkitzen ditut puntu honen gainean. Lehenbizikoa da bekatu egitetik eta anitz arriskutatik begiratzen eta gibelatzen gaituena. Handik esaten dugu: –Ez dut bekaturik egin nahi, zeren, benturaz, haietan nagoela neure azken egunak harrapa nintzake. Ez dut ebatsi nahi, zeren benturaz justiziak atzeman nintzake, urka edo azota. Ez dut jokatu nahi, zeren jokoa ez da errenta, benturaz gal nezake. Ez dut eskuetan dudanaz gabetu nahi, zeren benturaz gero, nahi dudanean, ez nuke. Hala esan zieten birjina zuhurrek birjina ergel olio eske etorri zitzaizkienei (Mt 25:9): –Ne forte non sufficiat nobis. Ez dizuegu eman nahi, zeren benturaz gero ez genuke geuretzat aski. Hala, Datan eta Abiron bere lagun batzuekin lurrak irentsi zituenean ere, egin zuten inguru hartan zirenek handik ihes, esaten zutela (Zen 16:34): –Ne forte et nos terra deglutiat. Goazen hemendik, zeren baldin hemen bageunde, benturaz beste hauek bezala irents gintzake gu ere lurrak. Hau da bentura ona, etorkizuneko bentura gaiztotik eta arriskutik begiratzen gaituena. Bigarrena da, halaber, bentura ona, bekatu egin ondokoa, eginak erremediatu nahiz dabilenarena. Ikusirik galduak goazela, Jainkoaren aginduak hautsi ditugula, esaten dugu: –Eginak egin, ez gehiago. Aitzinera hobeki nahi dut gobernatu. Jainkoari zin-zinez, bihotzezko urrikitze batekin nahi diot barkamen eskatu. Zeren benturaz halatan barkatuko dit, halatan izango du nitaz miserikordia. Mintzatze-molde honetaz baliatu zen Daniel profeta ere, esan zionean Nabukodonosor erregeari (Dn 4:24): –Errege, aparta zaitez zeure lehengo bide gaiztoetatik eta egizu limosna; izan zaitez beharrekiko bihozbera eta miserikordioso. Et forsitan Deus ignoscet delictis tuis. Eta benturaz, halatan, Jainkoak barkatuko dizkizu zeure bekatuak. Hala, Ninive hiri handi hartako erregeak ere, entzun zuenean haserre zela haren eta harenen kontra Jainkoa, agindu zuen hiri guztia jar zedila deboziotan eta penitentziatan, guztiak barau zitezela, eta are abere mutuei ere ez zekiela eman jatera eta ez edatera, esaten zuela (Jon 3:9): –Quis scit si convertatur et ignoscat Deus, et revertatur a furore irae suae et non peribimus? Nork daki, mehatxatu bagaitu ere geure Jainkoak eta esan badu ere haserre dela gure kontra, ea gure urrikitzea eta penitentzia ikusirik, itzuliko denetz beste aldera, ematuko zaionetz bere kolera eta utziko gaituenetz gaztigatu gabe? Esan balu bezala: –Arrazoirekin da gure Jainkoa gure kontra haserre; arrazoirekin mehatxatzen gaitu eta esaten digu gaztigatu nahi gaituela. Baina, guztiarekin ere, deboziotan jar gaitezen, lehen gaiztotasunean bezala, orain ontasunean enplega gaitezen, eta benturaz halatan bihotza hautsiko zaio, errukituko da gutaz eta barkatuko digu. Hala esan zion ontzi-maisuak ere, tormentatua zebilenean, Jonas profetari (Jon 1:6): –Quid tu sopore deprimeris? Surge et invoca Deum tuum si forte recogitet de nobis et non pereamus. Zer ari haiz, gizona? Zerk haratza lo? Ez dakusak itotzera goazela? Haik hortik, jar hadi oraziotan, egiok heure Jainkoari otoitz, eta benturaz halatan eskapatuko gaituk. Hala, patriarka Jakobek ere, bere anaiarekin gaizki zenean, igorri zizkion bere anaia hari aitzinetik presenteak, esaten zuela (Has 32:21): –Forsitan propitiabitur mihi. Benturaz honelatan, presente hauekin batean, barkatuko dit; benturaz honelatan adiskidetuko gara. Hau da bigarren bentura ona, ontasunean enplegatzen dena, egindako faltak erremediatu nahi dituenarena. Baina bada beste bat, hirugarren bat, bentura gaiztoa, luzamenduak bilatzen dituena, gibelamendutan dabilena eta arriskurik baizik ez den lekuan ere segurantzak aurkitu nahi dituena. Esaten zaizu zahartzen hasi zarela, bi iletan jarri zarela, begiak lanbrotzen hasi zaizkizula, bidearen bi herenak iragan dituzula, eta baldin horrela zaudela, zeure azken egunak edireten bazaitu, ez benturaz baina seguraz kondenatuko zarela. Ordea, zuk ez duzu honelakorik sinetsi nahi, eta ez entzun ere. Aitzitik, zeure nahiarekin batean benturaz ez dela halakorik izango iruditzen zaizu. Eta esan beharrean «benturaz hala izango da, benturaz kondenatuko naiz», esaten duzu: «benturaz ez naiz kondenatuko, benturaz ez da halakorik izango». 1 Lehenbiziko gezurra lehenbiziko emakumeak esan zuen. Galdetu zionean Deabruak Ebari ea zergatik ez zuen jaten Paradisuaren erdian zegoen zuhaitz eder haren fruitu eder hartatik, ihardetsi zuen (Has 3:3): –Ne forte moriamur. Ez dut jaten, zeren esan baitit Jainkoak, baldin jaten badut, benturaz hilko naizela. Eta alabaina, Jainkoak ez zion halakorik esan, ez zion benturarik aipatu. Garbiki eta segurki esan zion jaten zuen egun berean hilko zela. Esan nahi du mortal egingo zela, hilkizun izango zela: –In quocumque enim die comederis ex eo morte morieris (Has 2:17). «Benturaz» hura Ebak berak berretu eta eratxiki zion, eta berretura eta eratxikitze hartaz bere burua eta guztiok ere galdu gintuen. Emakume ezkondu batek bere senarraz besterekin, eta ezkondu gabeak ere behar ez denarekin bekatu egitea erabakitzen dutenean, ezkondua oroitzen da bere senarraz eta bai ezkondu gabea ere izorratzeaz eta etor dakiokeen desohoreaz eta kalteaz. Ordea, hargatik benturatzen dira bata eta bestea ere, esaten dutela: –Benturaz senarrak ez du jakingo; benturaz ez naiz izorratuko. Ohoinari ere, ebastera doanean, gogoratzen zaio, eskuak eratxikitzen badizkiote, gutxienean bereak emango dizkiotela, azotea izango duela. Baina hark ere azkar kontsolatzen du bere burua, esaten duela: –Benturaz ez naute harrapatuko; benturaz ez naute sentituko. Hala, bada, guk ere, gerotik gerora gabiltzanok, kontsolatzen ditugu geure buruok, eta esaten dugu: –Benturaz, honaino itxaron didanak itxarongo dit orain ere. Benturaz, orain ez badut ere, izango dut aitzinera ongi egiteko gogo. Ez dira oraino denbora guztiak iragan. Bada hemen «bentura» franko, eta ez esperantza eskasik. Zer da hau? Non da zentzua? Non da akordua? Zer egin da adimena? Zeure salbazioa, hainbat dihoakizun gauza, sekulako ongi edo gaizki izatea, ipin dezazula benturan? Ez duzu pentsatzen bentura horrek, benturaz, bentura gaiztoa emango dizula, eta nork bere duen guztia benturatzea erokeria handia dela? «Benturaz» honen gainean esaten du san Krisostomok (22. hom. : Ep. 2 ad Corint. 10): –Sed multis, inquis, Deus dedit privilegium, ut in ultima senecta confiterentur. Quid igitur? Numquid et tibi dabit? Fortasse dabit, inquis. Cur dicis: fortasse? Contingit aliquoties. Cogita quod de anima tua deliberas; proinde etiam de contrario cogita, et dic: quid, autem, si non det? Quid, autem, si det? inquis. Dat quidem ipse, verum hoc illo certius et utilius. Esaten duzu eta esango duzu: “Jainkoak anitzi ematen die pribilegio hau, gaztean gaizto izanagatik itxaroten baitie zahar daitezkeen artio, eta orduan, behar den bidean, penitentzia eginik, salbatzen baitira”. Zer, bada, zuri halako pribilegiorik edo graziarik emango ote dizu? Esango duzu: “Benturaz, bai”. Zergatik diozu “benturaz, bai”? “Zeren batzuetan gertatzen baita”. Egizu gogoeta, zeure arimaz dihoakizula, eta pentsa ezazu kontrara ere gerta daitekeela. Eta esazu: “Zer izango da itxaroten ez badit?”. Esango duzu oraino: “Eta zer izango da itxaroten badit?”. Itxaron diezazuke. Ordea, hobeago eta seguruago da itxarongo ez balizu bezala bizitzea eta gobernatzea. Honen arauaz esaten du san Agustinek ere (Enarratio in Psalm., 77, 22). –Si enim fortasse Deus non perdet nec malos, sine dubio non perdet bonos. Cur ergo non eligimus, ubi dubitatio nulla est? Baldin Jainkoak benturaz galduko ez baditu gaiztoak, seguru da eta duda gabe da ez dituela galduko onak. Zergatik, bada, ez dugu batere dudarik ez duena hautatuko? Zergatik ez gara benturak utzirik seguruan jokatuko? Nola esaten baitugu benturaz itxarongo digula Jainkoak, esan dezagun –gerta daitekeen gauza baita– benturaz ez digula itxarongo, eta goberna gaitezen itxarongo ez baligu bezala, eta halatan, ez benturan, baina seguruan izango gara. 2 Seguru bezala daukat infernura joaten diren gehienak gero baten benturan jarririk, hartan fidaturik eta hartan engainaturik joaten direla. Behintzat hala joan zen Ebanjelioko aberats hura. Zeren nola, san Lukas ebanjelariak esaten duen bezala, aberats hari urte ona gertatu baitzitzaion eta bildu baitzuen anitz, jarri zen bere buruarekin gogoetan, esaten zuela (Lk 12:17): –Quid faciam quia non habeo quo congregem fructus meos? Zer egingo dut? Norako dut honenbat ogi, ardo, bihi, fruitu eta ondasun? Ez dut edukitzeko lekurik ere. –Baina badakit zer egingo dudan –esaten dio berriz bere buruari–. Lehengo bihitegiak, ardandegiak, sotoak, salak eta ganbarak handituko ditut, edukitzeko lekua franko egingo dut. Eta gero sosegatuko naiz, ardura guztiak utzirik, pausatuki, hatsaren gainean jarriko naiz, esaten dudala neure baitan: “Orain atsegin har dezadan, jan dezadan, edan dezadan, zeren berdin ez dut deusen eskasik, ez dut gerokoren arriskurik; badut etorkizunerako behar den ugaritasun guztia”. Bada, kontu hauetan kontuak ongi egin gabe zebilela, aditu zuen zerutik mintzoa (Lk 12:20): –Stulte, hac nocte repetent animam tuam a te, quae autem parasti cuius erunt? A, eroa, zentzugabea! Zer mintzo haiz? Zer gogoeta darabilk? Egin dik hireak. Gaur eskatuko diate heure arima; gaur gorputzetik aterarik eramango diate. Eta gero, orduan, bildurik dauzkaan on horiek norentzat izango dira? Eroa deitzen du aberats hura, eta arrazoirekin. Zeren zer da erokeria handiagorik, geroko denboraz, besteren eskuan eta benturaz dagoenaz bere eskuan eta seguruan balu bezala ordenatzea baino? Gaitezen, beraz, besteren gainean zentza; dezagun besteren arriskutik atera segurantza, hartzen dugula Espiritu Santuak ematen digun kontseilua (Si 5:8-9): –Non tardes converti ad Dominum, et ne differas de die in diem, subito enim veniet ira illius, et in tempore vindictae disperdet te. Konberti zaitez, bekatutatik atera zaitez; eta ez dezazula berant, ez dezazula egunetik egunera luzat. Zeren gutxien uste duzunean, ahantzienik zaudenean neurria beteko da, Jainkoa haserretuko da. Eta gero, mendekuzko egunean, heriotzako denboran galduko eta desegingo zaitu. Badirudi hau eman nahi zuela aditzera Espiritu Santuak berak, esan zuenean (Es 3:28): –Ne dicas amico tuo vade et revertere, et cras dabo tibi, cum statim possis dare. Ez diezaiozula esan zeure adiskideari doala eta datorrela, bihar emango diozuna; baldin baduzu ematekorik, emaiozu berehala. Esan nahi du: –Egingo duzun ongia eta ontasuna, dagizula azkar, geroko benturan utzi gabe, luzapenetan eta joan-etorritan ibili gabe. Egun batez galdegin zioten Alexandro handiari ea nolatan erdietsi eta irabazi zuen hainbat garaipen, hainbat on eta ondasun, hainbat hiri eta erresuma. Eta ihardetsi zuen laburzki: –Nihil procrastinans. Ez deus luzatuz, ez deus biharamunerako utziz. Ez zuela, egundaino, egunean egin zezakeen gauzarik biharamunerako utzi; ez zela egundaino gerokoan fidatu; eta halatan hain irabazi handiak egin zituela. Ez gaitezen, beraz, gu ere gerokoan fida. Zeren geroko hartan, bentura bat ahal badateke ere, ez ordea segurantzarik. Eta erokeria handia da seguru behar duen gauza benturan ipintzea, biharamuneko esperantzan eta arriskuan uztea. VI NOLA DEN GEROAGO GAITZAGO BEKATUTIK ATERATZEA Anitzetan ere Eskritura Santuan konparatzen da bekatorea ardi errebelatuarekin. Eta arrazoirekin, zeren anitz gauzatan baitirudite elkar. Ardia bere lagunei azkentzen zaienean, halako moldez bide onetik eta bere ardi lagunen alhapidetik aldaratzen eta hastantzen da, non geroago urruntzenago, galtzenago eta errebelatzenago baita. Diru bat edo eraztun bat galtzen duzunean, han berean galdu zenuen lekuan gelditzen da, eta bai edireten ere; ez da bera handik higitzen. Baina ardia orenetik orenera lekuz aldatzen da, oihanean barrenago sartzen da, beti eta galtzenago eta errebelatzenago da. Hala, bada, bekatorea ere gero eta gero galtzenago, errebelatzenago eta bere aztura gaiztoetan barrena sartzenago da. Hargatik esan zuen errege Dabidek (Es 118:176): –Erravi sicut ovis quae periit. Errebelatu nintzen eta galdu, ardia bezala. Zeren bekatu bat egin zuenean, berehala beste batean behaztopatu eta erori baitzen. Ardia errebelatu berrian da errazenik edireteko eta aurkitzeko, eta bai kandela ere, iraungi berrian, oraino hoztu gabea denean, berriz lotzeko eta irazekitzeko. Hala da, bada, bekatorea ere bekatu egin berrian gaienik eta prestenik bekatutik ateratzeko. Sagarroia, bere egitez ere, nekez erditzen da, baina are bere faltaz nekezago. Zeren nola larruan baita latz eta, gaztaina-karloa bezala, puntaz eta arantzez betea, eta umeak ere, bera bezala, latzak eta arantzatsuak baititu, ume haiek, erdi behar duenean, bere arantzez eta karloez min egiten diote. Eta halatan, minari errendaturik, erditzeko meneratzen denean, barrenera sartzen ditu eta han ahal bezainbat edukitzen ditu. Eta nola hala dauzkan bitartean ere handitzen eta gogortzen baitira ume haiek, eta alabaina erdi behar edo hil, handik azkenean, harri baten kontra bermaturik, lehen egingo zen baino nekezago eta penazago erditzen da. Bada, hau berau obra onak egiteko luzapenetan dabilen bekatorea baitan ere gertatzen da. Zeren nola konbertitzea eta obra onak egitea erditze bat bezala baita, halatan, zenbatenaz eta gehiago baitago, hainbatenaz obra on haietaz nekezago erditzen da. Beraz, honelatan, lehen baino lehen izango da hoberenik eta errazenik obra onak egitea eta bekatuetatik ateratzea. Zeure lurrean, zure baimendua eta lizentzia gabe, etxe bat hasten dizutenean –zeren baldin obra bukatzera utz bazenitza, arrisku bailuke argudia liezazuten eskubide dutela lur haren gainean–, hartarako, aitzindurik bezala, ordenatzen du legeak egotz dezakezula obra berria (De novi operis nuntiatione, 31. art. ). Hala egin behar da, bada, bekatuetan eta bekatuzko obretan ere: berri direno egotzi behar dira, zeren bestela nahiko du Deabruak argudiatu eta alegatu obra zahartu dela eta hartan eskubide duela. 1 Errazago bada ere ondasun bahitua ateratzea eta berreskuratzea saldua baino, aurkitzen da, guztiarekin ere, bere ondasunak bahitzen bezala saltzen ere dituenik. Eta hau berau gertatzen da arimako gauzetan ere. Beldur direla, bere kontzientziak alha zaizkiela, bekatu bat edo bi baizik ez dutela egingo esaten dutela eta haiek ere uzteko gogorekin dabiltzala bekatuak egiten dituztenek bahitu egiten dituzte bere arimak. Baina beldurrik gabe, Jainkoz, kontzientziaz eta munduaren esateaz ere konturik egin gabe antsikabeki dabiltzanek, saltzen dituzte. Bahi bat tabernara ardoketan igortzen duzunean, gaztigatzen diozu tabernariari eduki dezala zenbait egunez bahi hura, eta haien buruan aterako duzula. Baina zuk nola aterako duzun, ezen barrenago sartzen duzu! Egunetik egunera, bahiaren gainean, ardo gehiago hartzen duzu, halako moldez ezen azkenean, ikusirik bahiaren balioa edan duzula, bahi guztia tabernan uzten baituzu. Bada, hau berau zeure arimaz ere egiten duzu. Esaten duzu bahi bai, baina inolaz ere ez dezakezula sal. Esaten duzu bekatu bat egingo duzula eta ez gehiago. Ordea, bat egin eta bat hari hainbat eratxikitzen diozu bere ondotik. Halako moldez eta suertez arimaren gainean bekatuaren zorra berretzen eta kargatzen duzu, non azkenean bahi guztia –zein baita zure arima– tabernan, Deabruaren eskuan eta boterean gelditzen baita, hartaz, nork bere gauzaz bezala, nahi duena egiteko. Bekatutik ateratzeko luzapenetan dabilenari gertatzen zaio zentsuko eta intereseko diruaren irabazia ordaintzen ez duenari gertatzen zaiona. Halakoari, urterik urtera, zorra handitzen, berretzen eta, are baldin denbora luzeaz badago, bikoizten zaio, eta orduan ez da errazkiago ordaintzen. Ez eta bekatua ere ez da egonaren buruan aisekiago erremediatzen. Zeren, bataz, Deabruak egunetik egunera zure arimaren gainean esku gehiago hartzen du; eta berriz, bestea, zeren nola zu baitzoaz bekatu eginaz eta bekatutan egonaz, hala doa Jainkoa ere zure arimatik ihes eginaz eta urrunduaz, zeren zerori lehenik urruntzen baitzara. Egizu kontu, egizu gogoeta ea zenbat urte duen bekatutan zaudela eta bekatu egiten ari zarela, eta aurkituko duzu ezen urte haietan guztietan Jainkoagandik urruntzen eta apartatzen ari izan zarela. Bada, eskuarki, joateko bezainbat denbora behar ohi da bihurtzeko ere. Beraz, honelatan, zuk ere, joan diren hamar urteotan edo gehiagotan ari izan baitzara Jainkoagandik urruntzen, beharko duzu hurbiltzeko ere hainbeste denbora. Nolatan duzu, bada, uste, hainbat denboraz iragan duzun bidetik, hain laburzki –urte batez edo biz–, zeure zahartzean –zahartzen bazara ere– bihurtuko zarela? Egia da, ordea: halako faborea, grazia, indarra eta haizea eman diezaioke Espiritu Santuak zure gogoari eta borondateari, non urruntzea baino azkarrago eta denbora gutxiagoz egin baitezakezu hurbiltzea. Ordea, ez dakizu zure baitan hala gertatuko denetz, halako faborerik eta graziarik egingo zaizunetz. Maria Birjina eta Jose, Mariaren senarra, urrundu ziren Jerusalemetik egun baten bidea, han haiei Jesus haurra ustekabean azkendurik. Eta gero, bila abiatu zirenean, ediren zuten hirugarren egunean (Lk 2:42-46). Denbora gehiago behar izan zuten edireteko, galtzeko baino. Hala dirudi bada, halaber, denbora gehiago behar dela bekatuak erremediatzeko, egiteko baino. Zeren bekatu egiten ari zarenean, Jainkoagandik urruntzen zarenean, eskuarki gazte zara, sendo eta indartsu, baina gero, Jainkoagana bihurtu eta hurbildu nahi duzunean, eri zara, ahul eta zahar. Beraz, orduan gaitzago izango da hurbiltzea, lehen urruntzea baino. Halatan, esaten du profeta Dabidek (Es 72:27): –Qui elongant se a te peribunt. Zuregandik urruntzen direnek fin gaitz egingo dute. Eta Jainkoak berak ere mehatxatzen ditu halakoak, esaten duela (Os 7:13): –Vae eis qui recesserunt a me. Begira bezate enegandik urrundu eta apartatu direnek! Zorigaitz haientzat! 2 Bekatuak iluntzen du adimena, ahultzen du memoria eta gaiztotzen du borondatea. Zenbatenaz bekatu gehiago eta bekatutan egonago, hainbatenaz adimena, memoria eta borondatea ezdeusago; hainbatenaz Deabrua jaunago eta nagusiago; hainbatenaz Jainkoagandik urrunago eta apartago; eta hainbatenaz zure indarra eta ahala ere etsaiari ihardesteko ttipiago eta ahulago. Bada, gauza hauek honela direnez geroztik, nolatan duzu zuk uste gero hobeki onduko zarela eta bekatutik aterako zarela orain baino? Ura ttipi deno ezin iragan dezakezu; zer egingo duzu, bada, handi dadinean? Zuhaitz ttipiak, oraino errorik ez dutenak, ezin atera ditzakezu; zer egingo duzu, bada, errozta eta handi daitezenean? Esan nahi dut: orain bekatu gutxi duzunean eta gutxi horiek ere berri direnean, ezin erabaki dezakezu halarik ere horietatik ateratzea; zer izango da, bada, gero, bekatuz beterik eta haietan denbora luzeaz gogorturik zaudenean? Orain hamar bekaturekin dihardukazu, gero ehunekin iharduki beharko duzu. Orain urte baten edo biren ohitura gaiztoa duzu, gero hogeirena edo berrogeirena izango duzu. Bekatu egiteaz korapiloak bikoizten dituzu, kateak berretzen dituzu, karga handitzen duzu. Zer erokeria da, bada, hau, uste baituzu ezen gero karga handiarekin hobeki maneiatuko zarela orain ttipiarekin baino? Uste baituzu ezen gero hamar bekaturen barkamena hobeki erdietsiko duzula orain bostena baino? Uste baituzu gero, eritasuna handi dadinean, errazago izango dela sendatzen eta erremediatzen, ttipi denean baino? Ez dakizu nola esaten duen Espiritu Santuak? –Languor prolixior gravat medicum, brevem languorem praecidit medicus? (Si 10:11-12). Eritasun luzeak eta zaharrak nekatzen du medikua, baina laburrak eta berriak egiteko gutxi ematen dio; hura laburzki sendatzen du. Egia hau eman zion aditzera aingeru batek lehenago mendietan eta ermitetan bizi ziren santu haietatik bati (Surio, Vita Arsenii, IV, 257 or. ). Hartu zuen aingeru hark gizon baten irudia eta joan zen mendietako santu haietatik batengana eta, eskutik harturik, eraman zuen oihanean barrena. Eta han erakutsi zion gizon bat, ari zela egur egiten. Eta zama bat eginik lotu zuenean, hasi zen saiatzen ea jasan zezakeenetz. Baina hain egin zuen handi, ezen ezin jasanez utzi baitzuen. Utzi zuenean, hasi zen berriz bigarrenean egur egiten eta bere lehengo zama handitzen. Handitu zuenean, hartu zuen eta hasi zen lehen bezala saiatzen ea jasan zezakeenetz. Baina are orduan gutxiago, zeren lehendanik handituago baitzuen. Ordea, guztiarekin ere, hasi zen hirugarrenean ere lehiatzen, egur egiten eta bere lehengo zama, lehen bezala, handitzen, ustez ezen halatan arinduko zitzaion eta errazkiago jasango eta eramango zuen. Santuonek hau ikusi zuenean, galdegin zioen aingeruari: –Zer erokeria da hau, uste baitu gizon honek, berretuz, karga arinduko zaiola? Eta handituz, errazkiago jasango eta eramango duela? Orduan ihardetsi zion aingeruak: –Horrela duk, bada, munduko erokeria ere, uste baitute bekatoreek bekatu anitzekin, karga pisuarekin hobeki jaikiko direla arinarekin baino. Esaten baitute: “orain herabe dut; orain eskuen artean darabiltzadan bekatuak ezin utz ditzaket; oraino denbora apur batez hauetan egon behar dut, besterik ere zenbait eratxikitzen diedala; baina gero guztiak utziko ditut, guztietatik aterako naiz”. Itsutasunaren itsua! Erokeriaren eroa! Uste baituzu ezen gero, hemendik urte baten edo biren buruan, orain baino bekatu gehiago duzunean, osinean barrenago zaudenean eta orain baino ahulago zarenean, aisekiago eta errazkiago aterako zarela. Atera bekizu erokeria hori burutik, egotz ezazu zeure gogotik eta sinets ezazu geroago gaitzago izango dela. Eta Ovidiok dioen bezala (Remedia amoris, 94. berts. ): –Qui non est hodie, cras minus aptus erit. Egun gai ez dena bihar gutxiago izango da. VII NOLA GEROTIK GERORA IBILTZEAZ HARTZEN DEN OHITURA GAIZTOA Esaten du Espiritu Santuak (Es 22:6): –Adolescens iuxta viam suam, etiam cum senuerit non recedet ab ea. Nor nola gobernatzen baita gaztean, hala eskuarki egin ohi da zahartzean ere. Orduan hartzen duen bidea, plegua eta ohitura edukitzen du gerora ere; ez da handik higitzen, ez da handik aldaratzen, hari atxikitzen zaio. Denbora luzeaz bide bat eduki duen urari ez da erraz bestetara bidaltzea eta eragitea. Ez da erraz bide hura, eta handik iragateaz hartu duen ohitura, abiadura eta lasterra galaraztea. Ez eta, beraz, ez da erraz izango denbora luzeaz hartu den ohitura gaiztoa ere uztea eta aldatzea. Zamaria gazte deno hezten da. Haragia berri deno gazitzen da. Zuhaitza ttipi deno birlandatzen da. Azken finean, gauza guztiek lehenbizian hartzen dute bere plegua eta orkoia, eta behin hartuz gero, nekez uzten dute. Gogortuz gero, gaitz da bihurrikatzea. –Quo semel est imbuta recens, servabit odorem testa diu. Eltzeak luzaro edukitzen du berrian hartzen duen usaina eta kutsua –dio Horaziok (Epistulae, I, 2. ep., 69. berts. ). Likurgok, erakusteko Lazedemoniakoei zein indar handia zuen ohiturak, hartu zituen bi txakur gazte, bi orkume ama batenak eta sabelaldi batekoak (Plutarko, Vitae parallelae, I, 16). Eta haietatik bata ohitu zuen betiere etxean barrena, kuzinako eta sukaldeko eltze-plateren artean; eta, berriz, bestea hazi zuen kanpoan ehizako orekin batean. Eta gero, handitu zirenean, eraman zituen biak traila batean Lazedemoniako jende haien aitzinera eta han askatu eta largatu zituen. Eta lagatzearekin batean egotzi zizkien bere aitzinera erbi bat eta haragi puska bat. Eta ehizan aritua abiatu zen berehala erbiaren ondotik, eta, berriz, bestea, sukaldean hazia, lotu zitzaion haragi puskari. Eta gero esan zien: –Ikus ezazue, jaunak, zer egiten duen ohiturak, zein indar handia duen hazkuntzak, lehenbiziko segientzak eta ohikundeak; nola or hauetatik bata, bere hazkuntzaren arabera, lotu zaion haragiari, eta, berriz, bestea jarraiki zaion ehizari. –Filii tibi sunt? Erudi illis et curva illos a pueritia eorum –dio Salomonek (Si 7:25)–. Semeak dituzunean, eskola itzazu haurdanik; uzkur itzazu; eduki, ttipi direno, azpitik. Zeren behin handituz gero, ez dituzu hobekiago manukortuko, eskuperatuko eta ez plegatuko. 1 Denbora luzeaz bekatutan egoteaz eta ohitzeaz beste kalterik etor ez baledi ere plegua eta aztura gaiztoa hartzea baizik ere, hura bera behar litzateke aski bekatutan pausatzetik begiratzeko eta lehen baino lehen bide onean ipinarazteko. Zeren hain du indar handia ohiturak, ezen esaten baitu san Krisostomok (Adversus vituperatores vitae monasticae, 3. k.): –Cum manna, coelesti cibo, alerentur iudaei, cepas eta alia requierebant; adeo consuetudo valet, tantumque habet roboris. Juduek mana zeritzan janari on, ezti, gozo hartatik franko zutelarik, guztiarekin ere, ohiturak hain du indar handia, ezen, hark errekeriturik, Egiptoko tipula-baratxurietara bihurtu nahi baitzuten. Eta handik esaten du san Agustinek (Enchiridion, I, 21. k.): –Peccata, quamvis magna et horrenda, cum in consuetudinem venerint, aut parva aut nulla esse creduntur, usque adeo ut non solum non occultanda, verum etiam iam praedicanda ac diffamanda videantur. Bekatuak handi eta izugarri izanagatik ere, ttipi eta ezdeus iruditzen zaizkio haietan aritu denari, hain ezdeus ezen gero, handik aurrera, nahiago baititu estali baino agertu, kanpatu eta famatu. Errege Dabidi eman zizkiotenean Saulen armak, baitziren ezin hobeagoak eta halakoak, guztiarekin ere, probetxu baino kalte gehiago egiten zioten, trabatzen zuten, zeren nola anarterainokoan beti artzain ibili baitzen, ez baitzen oraino armetan aritua. Eta hala utzi zituen, esaten zuela (1Sm 17:39): –Non possum incedere quia usum non habeo. Arma hauekin ni ezin higi naiteke, zeren ez naiz aritua. Emazkidazue habaila batzuk zenbait harrirekin, eta, haietan ohitua bainaiz, atsegin har ezazue, ezen nik egingo dut haietaz neure eginbidea. Eta hala egin ere zuen. Zeren lehenbiziko aurtiki zuen harria finkatu zion bere etsaiari bekokiaren erdian, landatu zion kopetan eta egotzi zuen garaiturik lurrera (1Sm 17:49). Ordea, gero handik denbora gutxiren barrenean, hain soldadutu zen eta armetan aritu, trebatu eta antzetsutu, ezen egun batez, armarik gabe Saulen ihesi zihoala, hartu baitzuen Goliat handi haren ezpata, esaten zuela ezen ez zela munduan harentzat halakorik eta ez hark nahiago zuenik (1Sm 21:10). Zer esan nahi du honek? Lehen Saulen armak, ttipiak eta arinak baitziren, handiz eta pisuz utzi zituen, eta orain erraldoi handi batenak iruditzen zaizkio ttipi eta arin? Bai. Zeren lehen ez zen aritua, ez zen armetara egina, baina gero egin zen, ohitu zen, saiatu zen, trebatu zen, eta saiatzeak, usatzeak eta trebatzeak lehen gaitz zena erraztu zion. Zeren ohituari lanak ere ez zaizkio hain lan iruditzen, ez ditu hain sentitzen; eta ez sentitzeko, eskuetako larrua ere loditzen, gogortzen eta kailutzen zaio. Halakoari eta hainari ez zaizkio hain fite eskuak maskurtzen, ikortzirinak egiten eta ez haragiak eteten eta ez minberatzen. Zeren san Krisostomok dioen bezala (De poenitentia, 3. hom. ), –Consuetudinis enim vis, et in bonis, et in malis magna. Gauza handia da ohitura, hala onean nola gaiztoan. Eta badio san Jeronimok ere (Epistolae, 148, Ad Celantiam, 10): –Asperam nobis et insuavem virtutum viam, nimia facit consuetudo, quae si in alteram partem transferatur, invenietur semita iustitiae levis. Bekatuaren ohiturak gaizten du bertutearen bidea; ordea, baldin ohitura hura itzultzen bada beste aldera, gaiztotasunetik ontasunera, edirenen da bertutearen bide hura bera, erraz, atsegin eta plazent. Idazten hasten zarenean, ezin higi ditzakezu eriak, lotuak bezala daude, zeren ez baitira ohituak. Baina gero eta gero, ohitzen eta trebatzen dira, hain trebatzen ezen, azkenean, beste aldera beha zaudela ere, hitzen erdiak idazten baitituzu. Hala ikusiko duzu dendari baten etxean ere ofizialeak abiadura handia daramala, puntuak usu eta laster ematen dituela; baina aprendiza bakan, baratz eta puntuak kontatuz bezala ari dela, zeren ez baita aprendiza ofizialea bezala aritua, ohitua eta trebatua. Halatan esaten du Aristotelesek (Ethicorum, II): –Ex actu multoties iterato fit habitus. Ez behingoaz, baina maiz eta anitzetan erabiltzeaz egiten da trebetasuna eta aztura. Eta behin aztura hartuz gero, trebatuz gero, anitz gauza egiten da gogoa pentsatze-kontutan eta borondatea ere hautatze-lanetan ibili gabe. Hala esaten du san Krisostomok (10. hom. ): –Consuetudo est quae postea etiam absque electione fit. Anitzetan, hartan gutxi pentsaturik, zeinatzen zara. Anitzetan, zer mintzo zaren ez dakizula, arneguak eta juramentuak egiten dituzu. Anitzetan, beste aldera beha zaudela, eriak soinu egiteko erabiltzen dituzu, eta hauek guztiok dira ohituraren jokoak, trebetasunaren kolpeak eta azturaren tornuak. Kartzelan sartzen zaituztenean, sartu berri hartan usna on duzu, kiratsa aditzen duzu, erraiak nahasten zaizkizu, sentikor zara. Baina barren hartan ohituz gero, sudurrak kirats hartaz zenbait denboraz beteak erabiliz gero, sortzen zara, antsikabetzen zara, ederresten duzu. Ohitu zaitez goizean goiz jaikitzen, eta oren hartan iratzarriko zara. Ohitu zaitez anitz jaten eta edaten, eta beti hala nahiko duzu. Are, abere mutuek ere ez dute, bere lehengo ohikoa edo etsigarri bat bederen izan gabe, lehen izan diren ostatuetatik aitzina iragan nahi. Hain du indar handia ohiturak, ezen esaten baitu san Agustinek (Epistolae, 54, ad Ianuarii, 5. k., 6): –Ipsa quoque mutatio consuetudinis etiam quae adiuvat utilitate, novitate perturbat. Anitzetan ere, dakigularik hobe litzatekeela darabilgun ohitura uztea eta haustea, ez dugu guztiarekin ere uzten eta ez hausten, zeren aldatze hura, hausteko eta uzteko berritasun hura gaitzi baitzaigu. Zer nahi duzu gehiago? Bada esaten duenik, eta egia (Comment. sup. 3 Phisic. ), haurdanik pozoi jaten ohitzen dena azkenean pozoiz haz daitekeela eta manten. 2 Bada, baldin honen gauza bortitza eta indartsua bada ohitura, zer egingo du betiere, gaztetik zahartzeraino, bekatutan ohitu denak? Nola utziko du zahartzean gaztean hartu duen ohitura? Beldur naiz utz ez dezan. Zeren san Krisostomok dioen bezala (32. hom. : Mateo 19): –Annosa passio, medicamento momentaneo non curatur. Arrazadura urtatua, narrio zahartua, zauri gaizkoatua ez da puntu bateko medikuntzaz sendatzen, ez da behingo bisitaz erremediatzen eta ez hain azkar lehengo egoerara, estatura eta egoitzara bihurtzen. Zeren nola eritasun handiak, sendatuz gero ere, utzi ohi baitu bere ondotik zenbait erru gaizto, zenbait kutsu, narrio eta arrazadura, hala uzten du denbora luzeaz bekatutan egoteak ere bere ondotik zenbait ondore gaizto. –Si mutare potest Aetiops pellem suam et pardus varietates suas, et vos poteritis benefacere cum didiceritis malum –dio Jeremias profetak (Jr 13:23)–. Mairu herriko mairu beltzak bere larru beltza, eta tigre arrak bere nabardurak, kolore pikardatuak alda, utz eta muda ditzanean, aldatuko, utziko eta mudatuko ditu pertsona gaiztoak ere bere ohiturazko gaiztakeriak eta bekatuak. Halatan ikusiko duzu, gazte-denboran bekatu batean ohitu denari, zahartzean ere eta deus ezin egin dezakeenean ere, gogoa bederen, eta bekatu hartaz mintzatzeaz atsegin hartzea bederen badatxekiola. Zeren san Agustinek dioen bezala (De vita eremitica ad sororem, 28. k.): –Non quiescit turpe desiderium, quamvis frigiditas neget effectum. Zahar gaiztoak, zahartuagatik, badu gogoa; indarra zaio falta. Ahoa doi irekitzen du eta irekitzen duzu, eta guztiarekin ere arnegu eta juramentu egiten ari zara. Gorputza ezin jasan dezakezu eta, alabaina, maitakeriaz mintzo zara. Azken batean, lehen zertan segitu baituzu, hartan gero ere, ametsetan eta eldarnioetan ere edireten zara. Eta zerk egiten du hau? Ohiturak, azturak, gaztean hala, han eta haietan segitu eta jokatu baituzu, eta ohitura hura hezurretan barrena sartu baitzaizu. Eta nola zahartuagatik hezurrak gelditu baitzaizkizu, hala gelditu zaizkizu ohitura, aztura eta handik sortzen diren mugidak, abiadurak eta inklinazio gaizto guztiak ere. Halatan esaten du Job gizon santu hark (Jb 20:11): –Ossa ejus implebuntur vitiis adolescentiae eius, et cum eo in pulvere dormient. Gaiztoaren hezurrak beteko dira gazte-denborako bekatuez, eta harekin batean lurrean ere lokartuko dira, ez dute behin ere utziko. Zeren san Gregoriok dioen bezala (Moralia, XV, 10. k., 11): –Tenent illum pravae consuetudines, quem semel ceperunt, atque quotidie duriores existunt, et cum eo in pulvere dormient, quia non nisi cum eius vita finiuntur. Ohiturazko bekatuak jarraiki ohi zaizkio inori heriotzaraino eta lurrean barrena sartu arte; ez dute haraino uzten, eta ez eskuarki han ere. Jainkoak begira zaitzala ohitura gaiztoak zure baitan ostatu hartzetik eta ohitura hura hazkuntza bihurtzetik. Zeren nola baita hetika deritzan eritasun bat, zein egiten baita sukarra denbora luzeaz eta apur bana hezurretan barrena sartzeaz, eta eritasun hark ez baitu erremediorik mirakuluz edo baizik –eta izatekotan ere, soil luzaro–, hala da denbora luzeaz gogoan eta bihotzean barrena sarturik dagoen aztura gaiztoa ere. Hura da hetika gaizto sartua, ateratzen eta erremediatzen gaitza. Eta halakoagatik esaten du san Agustinek (De Scripturis, 98. serm., Evang. Luc., 5. k., 5) hilobian barrena sartua eta ehortzia dagoela, eta gaineko harri-estalkia, jaikitzen eta hats hartzen uzten ez duena, ohitura gaiztoa dela: –Moles illa imposita sepulchro, ipsa est vis dura consuetudinis, qua premitur anima, nec respirare, nec resurgere permittitur. Hau berau eman zuen aditzera gure Salbatzaileak berak, Lazaro lau eguneko hil kirastua, anitz hasbeherapen eta sentimendu eginik, piztu zuenean. Beste guztiak errazki eta aise zegoela piztu zituen, baina Lazaro –irudiz– nekez, aditzera emateagatik zein gaitz den denbora luzeaz bekatutan aritua, usteldua eta kirastua dagoen bekatorea sendatzea eta erremediatzea. Halakoa, hartara heltzen dena, Lazaro kirastua bezala da, Jainkoaren botere handiaz baizik ezin erremedia daitekeena. Arrazoi hauez guztioz ematen da aditzera nola luzapenetan, gerotik gerora ibiltzeaz, hartzen den ohitura gaiztoa, eta ohitura hura, olioa oihalean bezala, sartzen den gogoan eta bihotzean barrena; eta nola den engainu handia eta gure galgarria esatea: –Gero onduko naiz; gero bide onean jarriko naiz. Zeren gero haren ondoan desiratuko duzu beste gero luzeago bat. Eta halatan, gerotik gerora zabiltzala, ohiturarekin batean arrunki gertatzen dena, heriotzak harrapaturik, fin gaitz egingo duzu. VIII NOLA OHITURA GAIZTOAK GOGORTZEN ETA ANTSIKABETZEN DUEN BEKATOREA Gauza gaiztoa eta arriskutsua da, orainokoan esan den bezala, bekatutan egoteaz eta segitzeaz hartzen den ohitura. Baina are da gaiztoago eta arriskutsuago ohitura haren ondoko ondorea, hazi hartatik sortzen den bihia, hark ematen duen fruitua, zein baita bekatutan itsutzea, gogortzea, antsikabetzea eta, ahalkea, ohorea eta prestutasun guztia galdurik, doilorkeriaz prezatzea, loriatzea eta sendagaila egitea. –In circuitu impii ambulant –dio errege Dabidek (Sal 11:9)–. Inguruka edo ingurunean dabiltza gaiztoak. Badabiltza, ordea, inguruka, probetxu gabe, betiere leku berera bihurtzen direla. Hala dabilenak egiten duen irabazi guztia da lurra aurizkitzea, zanpatzea eta gogortzea. Eta zenbatenaz eta gehiago baitabil, hainbatenaz zanpatzenago eta gogortzenago du. Hala, bada, bekatoreak ere bekatutan ibiltzeaz eta aritzeaz gogortzen du bere kontzientzia, mailu-kolpeek ingudea gogortzen duten bezala. Ematen du aditzera Eskritura Santuak bitinak bezala direla gaiztoak, eta azkeneko egunean ezkerreko aldean ipiniko dituela Jainkoak: Statues haedos a sinistris (Mt 25:33). Bitina, antxumea, gazte deno on da jateko, samur da, uxter da, sasoal da; ordea, galtzen du adinak. Gero eta gero doa gaiztotuaz, zailduaz eta gogortuaz: Aetas ex haedo asperum facit hircum (Plauto, in Epigrammata, I). Bekatoreak lehenbizian, bekatu gutxi duenean, badirudi ezen oraino zerbait balio duela, samur duen parterik, uxter duen aurkintzarik, atal onik eta gozorik baduela. Eta hala orduan, predikariez, kontseilu onez, eritasunez, bere lagunak hiltzen zaizkiola ikusteaz, ihurtzuriez eta honelako beste arrisku-mota batzuez ikaratzen da, minberatzen da, sentikortzen da eta, bere buruari alhaturik, etorkizunaz gogoetan jartzen da. Baina bekatuz betez gero, plegua hartuz gero, ohituz gero eta ohitura zahartuz gero, gaiztotzen da, antsikabetzen da eta, aldez, aingeru gaiztoen berdin, deabruen paretsu egiten da. Nola aingeruak bere adimenaz erdiets zezakeen guztia, ez guk bezala apur bana eta pentsatuz, baina kolpe batez eta osoki erdietsi baitzuen, lehenbizian hartu zuen bidea dauka eta edukiko du sekulako (ikus san Tomas, in III Sententiarum, 1, 1, 2). Behin makurtuz gero alde batera, ezin zuzen daiteke bestera eta ez gibelera bihur. Eta hala gertatzen zaigu guri ere hiltzen garenean. Zeren san Damaszenok dioen bezala (De orthodoxa Fide, II, 4 & ref. san Tomas, ubi supra): –Hoc est hominibus mors, quod angelis casus. Aingeruetan bekatuak egin zuena egiten du gure baitan ere heriotzak. Haiek, bekatu eginez gero, ez zuten erremediorik, ez eta guk ere bekatutan hilez gero. Bada, aingeru gaiztoen egoitzara hurbiltzen gara gu ere, bekatu egin hutsez bekatutan gogortzera, itsutzera eta antsikabetzera etortzen garenean. Aingeru gaiztoa behingoaz galdu eta gogortu zen betiko. Hala, bada, gu ere, ez behingoaz baina bai anitz bekatu eginez eta haietan ohituz galtzen eta gogortzen gara. Eta halako bekatua —gogortuz gerozkoa— esaten da Espiritu Santuaren kontrako bekatua dela (san Tomas, S. Th., 2-2, 28, 6), zeren, hartara ezkero, maleziazkoa baita. Eta nola ahultasunez egiten den bekatua esaten baita Aitaren kontra dela, eta jakin gabe eta ignorantziaz egiten dena Semearen kontra dela, hala maleziaz egiten dena ere esaten da Espiritu Santuaren kontra dela, zein baita hain arriskutsua, non galdegiten baitu san Tomasek: An sit remissibile? ea barkakizun denetz, barka daitekeenetz (ikus S. Th., 2-2, 4 & hk., eta 14, 3). Eta ihardesten du, lehenbizikorik, behintzat merezitzeaz denaz bezainbatean ez duela barkamenik merezi, zeren maleziazkoa baita. Bigarrena ihardesten du, maleziazkoa denez gero, ez dela bere egitez barkatzekoetatik, zeren nola baitira eritasun batzuk hain handiak, gorputz guztia ahuldua, garaitua eta ezindua ipintzen dutenak eta eriari hain jauntzen zaizkionak non bere izanez eta egitez ez baitute erremediorik, ez baitira sendakizun, hala tematuaren, gogortuaren, itsutuaren eta antsikabetuaren bekatua eta eritasuna ere hain da handia non berez ez baita sendakizun eta ez barkakizun, zeren sendatzeko eta barkatzeko behar diren erremedioak, berak bere faltaz eta bere maleziaz, bere plazerera eta jakiara uzten baititu aprobetxatu gabe iragaten eta galtzen. Eta halatan, halako bekatuagatik –zein baita Espiritu Santuaren kontrakoa– esaten du san Mateok Non remittetur in hoc saeculo nec in futuro (Mt 12:32), ez dela barkatuko mundu Egia da; ordea, nola Jainkoaren miserikordia baita guztien gainekoa, gertatzen da halako bekatuetatik ere zenbait barkatzea. Ordea, san Tomasek dioen bezala, ez maiz, gutxitan eta mirakuluz bezala: Per misericordiam Dei aliquando tales quasi miraculose sanantur (san Tomas, ubi supra). Eta esaten denean ez dela halako bekatua barkatuko, aditzen da ez dela barkatuko ez zeren Jainkoak ezin barka dezakeen edo ez duen zenbait barkatzen, baina zeren, bataz, gutxitan barkatzen baitu, eta, besteaz, zeren gaitz baita eta, azken finean, zeren, nola maleziazkoa baita eta ez ahultasunezkoa, ez baitu halakoak bere egitez barkamenik merezi. 1 Galdegiten dute teologoek ea zer arrazoiz edo zergatik deitzen diren bekatore batzuk, besteren artetik, obstinatuak, gogortuak, itsutuak eta Jainkoak berak ere utziak. Eta Jainkoaren aldetik denaz bezainbatean, ez da erraz jakiten, ez da erraz arrazoia eta diferentzia ematen eta edireten. Zeren Jainkoak, hala bekatutan gogortuei nola gainerako beste bekatore guztiei ematen die mundu honetan direno salbatzeko eta bekatuetatik ateratzeko aski izan dezaten bezainbeste grazia, laguntza eta fabore. Haren aldetik bada behar dena; ez da handik deusen faltarik eta ez eskasik. Hark eguzkiak bezala egiten du: –Onei eta gaiztoei, guztiei argitzen die. Solem suum oriri facit super bonos et malos (Mt 5:45). Eta jondoni Paulok dioen bezala (1Tm 2:4), –Jainkoak nahi du guztiak salba daitezen. Qui vult omnes homines salvos fieri. Eta, halaber, guztien ateei dagokie, guztietan deitzen du, ireki liezaioten nahirik: –Ego sto ad ostium et pulso (Ap 3:20). Ordea, guztiarekin ere, nola anitz lekutan esaten baitu Eskritura Santuak bekatore batzuk besteen artetik direla gogortuak, itsutuak eta Jainkoak ere utziak, eta are Jainkoak berak itsutzen eta gogortzen dituela –Ego indurabo cor Pharaonis (Ir 4:21). Quem vult indurat (Erm 9:18). Exceca cor populi huius (Is 6:10)–, badirudi behar litzatekeela Jainkoaren aldetik ere bilatu eta eman zenbait kausa, arrazoi eta diferentzia. Eta edireteko, jakin behar duzue ezen, ikusten duenean gure Jainkoak nola gauden bekatutan sartuak, anitz saio eta gogoeta egiten duela gure bekatu haietatik ateratzeko, anitz mainaz eta trazaz baliatzen dela gu bide onean ipintzeko. Nola geure borondatea geure eskuko baitugu, nola nahi badugu baietz eta nahi ez badugu ezetz esateko libre baikara, gure borondate libre honen arabera, deusetan ere bortxatu gabe deitzen eta tiratzen gaitu Jainkoak beregana. Eta eskuarki, lehenbiziko aldian ez gaitu ozenki eta bortizki deitzen jondoni Paulo bat deitu zuen bezala. Baina deitzen gaitu apur bana, emeki, eztiki, mainaz, kontzientzia alhatuz, eritasunak emanez, bere predikarien esanez eta anitz beste moldez. Eta honela, lehenbizi deitzen eta tiratzen gaituenean ihardesten badiogu, hurbiltzen bagatzaizkio, gero bigarrenean, bizikiago eta sendokiago deitzen eta tiratzen gaitu, eta hala-hala, hirugarrenean eta aitzina ere. Halako moldez, non azkenean, osoki eta konplituki, kanpotik eta barrenetik deiturik eta faboraturik, bere grazian eta adiskidetasunean, bekatu guztiak barkaturik ipintzen baikaitu. Ordea, lehenbiziko deitze, tiratze eta fabore ezti komun haietaz konturik egiten ez dugunean, haietaz aprobetxatzen ez garenean, haiek errezibitzen ez ditugunean bihurtzen bada ere oraino berriz lehengo fabore haietara beretara, eta oraino orduan ere deitzen bagaitu ere aski den bezainbeste, eta aitzinera ere prestik badago ere molde berean lehen bezala deitzeko eta faboratzeko, ez, ordea, orduan ez da eskuarki aitzinago iragaten. Esan nahi dut, lehen bezala bai, baina ez gaituela orduan lehen baino bortizkiago eta sendokiago deitzen eta faboratzen. Eta hau geure faltaz. Hala esaten du ene eskola-nagusi batek (Zumel, In Primam D. Thomae Commentaria, 23, 3, 11): –Obstinati excaecati ob suam culpam vix aut numquam utuntur bene prioribus auxiliis, atque ita non accipiunt posteriora illa auxilia, quae reliquis peccatoribus saepe donantur. Ez dizkigu ematen fabore beregainezkoak, abantailazkoak eta emendailuzkoak, zeren ez baititugu errezibitzen komunak eta ardurakoak. Edekitzen dizkigu bigarrenak, zeren gaizki erabiltzen baititugu lehenbizikoak. Zeren, baldin gauza ttipian eta apurrean leial dena, arrazoi bada handiagoan ere enplega dadin: Quia in pauca fuisti fidelis, supra multa te constituam (Mt 25:21&23). Badirudi, beste aldera, leial ez denari, emango zitzaiona ere kendu behar zaiola. Ongi da eta merezia da aitzineko fabore ttipiez konturik egiten ez duenari ez dakizkion eman handiak. Gureak dira faltak. Zeren san Agustinek dioen bezala (88. serm., De tempore: 22, De Pharaonis saevitia, 2): –Numquam prius Deus deserit hominem, nisi prius ab homine deseratur. Ez du behin ere Jainkoak uzten gizona, baldin gizonak lehenik uzten ez badu Jainkoa. Fabore komunak, ardurakoak eta asko diren bezainbestekoak ematen dizkie gogortuei eta obstinatuei ere, ez ordea beregainezkoak eta abantailazkoak. Eta ageri da ezetz. Zeren, nola anitz baitoa graziatik graziara, laguntzatik laguntzara eta faboretik faborera, fabore beregainezkoak ardurakoak baino handiagoak dituztenak berehala lehenbiziko ukitzean sentikortzen dira, bide onean jartzen dira: Ad cuius tactum, commota sunt viscera eius (Kt 5:4). Edo, behintzat, badute bere baitan barrena atsekabe bat, kontzientziaren alhadura eta minberatasun handi bat, hain handia non ezin ongi bere bekatuetan jar baitaitezke eta ez sosega. Baina fabore beregainezkorik, komunak eta ardurakoak baino handiagorik izaten ez dutenek ez dute kontzientziaren halako alhadura handirik eta beldurrik izaten. Aitzitik, sosegatuki, pertsona segurtatuak bezala daude, eta hala egotea da haien loria. Hala esaten du halakoez mintzo dela Espiritu Santuak: –Laetantur cum male fecerint et exultant in rebus pessimis (Es 2:14). Gaizki egitean eta egin ondoan, guztietan atsegin hartzen dute, hartan loriatzen dira. –Impius cum in profundum malorum venerit, contemnit (Es 18:3). Gaiztoak, bekatuen osinean sartuz gero eta haietan luzaro arituz gero, ez du antsiarik, ez dauka konturik, gainerakoak sentitu gabe egiten ditu. Eta badio Jobek ere (Jb 15:16): –Bibunt iniquitatem sicut aquam. Pertsona egarriak ur hotza bezala edaten dituzte bekatuak. Esan nahi du errazki eta hartan atsegin hartzen dutela. Halakoei, nola Jainkoarekin etsai baitira, eta etsai ere barrena, ez dizkie ematen bere adiskideei edo gutxiago etsai direnei ematen dizkien ernetasun, bizkortasun, barreneko berotasun eta beste fabore handi isil batzuk. Eta haiek ez emanez gero, berak bere faltaz itsutzen, gogortzen eta antsikabetzen dira. Hala esaten du san Agustinek (88. serm., De tempore, 22, De Pharaonis saevitia, 4]), faraonez mintzo dela: –Quid est quod dixit: ego indurabo cor Pharaonis, nisi cum ab fuerit gratia mea, obduret illum nequitia sua? Jainkoak bekatorea uztea, itsutzea eta gogortzea ez da, ez, Jainkoak berak itsutasun hura eta gogortasuna ematea eta ipintzea. Baina hura da Jainkoak ez argitzea, ez beratzea, fabore bizi, handi, beregainezko haiek, bekatoreak berak hala kausaturik, ez ematea; eta handik, itsutzen eta gogortzen uztea. Honela aditu behar da –eta hau da Jainkoaren aldetik eman daitekeen arrazoia– zergatik esaten den bekatore batzuk, besteen artetik, direla itsutuak eta gogortuak, eta Jainkoak itsutzen eta gogortzen dituela. Esan nahi du bigarren fabore handiak bere faltaz ez dizkiela ematen, eta itsu eta gogor daitezen permititzen duela. 2 Zergatik esaten den bekatore batzuk, besteen artetik, direla itsutuak, gogortuak eta Jainkoak ere utziak, bada gure aldetik ere arrazoi bat, are klaruagoa eta aditzeko errazagoa, zein baita ohitura, jarraitutasuna, denbora luzeaz bekatutan egotea. Handik, hala egotetik itsutzen eta gogortzen da bekatorea. Handik ontasunera baino gaiztotasunera eroriagoa, isuriagoa eta emanagoa gelditzen da. Handik erroak egiten ditu. Azken batean, handik bekatua beretakotzen eta natural bezala errendatzen du, jan eta edan gabe baino gehiago bekaturik egin gabe ere ezin dagokeela iruditzen baitzaio. Egiten duzu egun bekatu bat eta bekatu hartaz oroitzen zara arratsean, alhatzen zaizu zeure kontzientzia. Egiten duzu bihar beste bat, eta orduan ere oroitzen zara. Ordea, egun baino, bihar gutxiago oroitzen zara. Lehenbizian sentikor, eta gero eta gero gutxiago. Lehenbizirik bekatu egiten duzunean, beldur zara; bigarrenean ere bai, ordea lehenbizikoan baino gutxiago. Eta hainbat erabiltzen duzu bekatu egitea, hainbat segitzen duzu, non alde guztiz beldurra galtzen baituzu; ohituari bezala, haietan laketzen baitzaizu; eta handik aurrera, batere ez bazenu baino gehiago ez baituzu konturik egiten. Bekatu bat baizik ez duena minbera da, sentikor da, beldur da, ezin sosega daiteke; baina ehun dituenak, bekatua bekatuari eratxikirik bekatuz beterik dagoenak ez du antsiarik, ez du sentitzen, ez dauka konturik, zeren ohiturarekin batean itsutua, gogortua, antsikabetua eta, erroak eginik, bekatutan barrena sartua baitago. Gizon batek, bere herritik kanpora, Indietara edo beste leku urrun batera partitzen denean, eta oraino bere herriko agerrian, komarketan eta terminoetan denean, maiz behatzen du gibelera, bere herriko mendietara. Baina aitzina iraganez gero, bere herria eta herriko lurrak bistatik galduz gero, itzultzen da beste aldera, joan behar duen eta doan leku hartara, eta han, aldiz, bere begiak eta gogoa ere ipintzen ditu. Bada, hau berau gertatzen zaio lehen justu izanik, zenbait denboraz bekaturik gabe egonik, bekatu egitera partitzen eta abiatzen denari ere. Abiatu berri hartan maiz behatzen du gibelera, utzi duen bizitza prestura, eta hartaz oroiturik egiten du zenbait hasbeherapen, errezibitzen du bere baitan zenbait tristura. Baina bekatutan aitzina iraganez gero, lehengo aztura onak eta bertuteak begi-bistatik galduz gero, gogotik utziz gero, ipintzen du, aldiz, bere gogoa eta bihotz guztia eskuen artean darabiltzan bekatuetan eta plazeretan. Eta handik aurrera ez du lehengo herriaz eta bizitzaz konturik egiten: urrundu da, presentekoak darama guztia. 3 Bekatu bat egiten duzunean, eritzen da arima. Bi egiten dituzunean, eritzenago da. Eta anitz eginez ohitura hartzen duzunean eta, ohitura harturik, ohitua denari bezala, haietan laketzen zaizunean, are eritzenago da: orduan hurrantzen da arima. Eta halakoak, ez kontseilu onez, ez predikarien esanez, ez bere lagunak hiltzen zaizkiola ikusteaz eta ez honelako beste gauzaz ez du konturik egiten eta ez probetxurik ateratzen, kalterik baizik. Halakoari gertatzen zaio Jainkoarekin eri bati medikuarekin egiten zaiona. Medikuak ematen dio eriari edari bat, purga bat, bere egitez ona eta eritasunari dagokiona. Ordea, purga ona izanagatik, eritasuna hain da handia eta bortitza, eria hain dago ahitua eta usteldua, ezen ez baitio purgak batere onik egiten, gaitzik baizik. Medikuak eta medizinak ez dute faltarik. Nork du, bada, falta? Barreneko eritasunak, barreneko usteltasunak. Bada, molde honetan berean, gure Jaungoikoak ere, zeruko medikuak, ematen dizkio bekatore eriari edariak, medizinak, abisuak, kontseiluak eta anitz erremedio. Baina, guztiarekin ere, ez da sendatzen. Aitzitik, orduan eritzenago, orduan hurrantzenago da. Eta nork du falta? Ez medikuak, ez Jainkoak. Nork, bada? Eriak berak, bekatoreak, alde guztiz galdua, narriatua, arrazatua eta, erroak eginik, bekatuz eta aztura gaiztoz betea baitago. Eguzkiak beratzen du ezkoa, eta gogortzen lurra. Eta zertatik heldu da hau? Ez eguzkia beragandik, zeren hark biak orobat berotzen ditu. Baina heldu da ezkoaren eta lurraren arteko diferentziatik eta izaeratik. Jondoni Petrik eta Judasek, biek, egin zuten bekatu, eta biak deitu zituen Jainkoak, biei eman zien anitz medizina eta erremedio. Eta guztiarekin ere sendatu zen bata eta ez bestea. Sendatu zen jondoni Petri Jainkoaren graziaz, eta gelditu zen sendatu gabe Judas, bere faltaz eta maleziaz. Jainkoak begira zaitzala bekatuak ez sentitzera etortzetik, zeren halakoei esaten die Jainkoak berak: –In peccato vestro moriemini (Jn 8:21). Zeuen bekatuan zarete, zeren hartan gogortuak eta antsikabetuak baitzaudete. –Cor durum male habebit in novissimo (Si 3:27). Bihotz-gogorra gaizki izango da bere azken finean. Baldin utz bazeneza harri handi bat eskuetatik, nora ote lihoake, goiti ala beheiti? Seguru da beheiti lihoakeela. Bada, arima galdua hainbat urtez, harria bezala bekatutan urtatua dagoena eta egon dena, norako da bere azken finean, Jainkoak bere eskutik utz dezanean? Ez da zer galdeginik. Erokeria handia da, harria beheiti bezala, bekatutan dagoena ere ez dela infernura eroriko uste izatea, zeren harria zein pisu den, are bekatua baita pisuago. Bada, zuk, iragan diren urte guztiotan behin ere ongi konfesatu gabe, bekatutan gogorturik eta antsikabeturik zauden horrek, zertan baratu uste duzu? Nolatan duzu esperantza salbatzeko? Ez dakusazu, mundu honetako aldia dagizunean, infernua zuretzat dagoela? Zu bezalakoez esaten da: –Descenderunt in profundum quasi lapis (Ir 5:5). Erori ziren, harria bezala, hondarrera. Beraz, honelatan, ez da gerotik gerora ibili behar. Ez da denbora luzeaz bekatutan egon behar. Zeren egote hura da gure galgarria. Handik sortzen da ohitura, ohituratik ederrestea, ederrestetik antsikabetzea, antsikabetzetik ez sentitzea, ez sentitzetik itsutzea, gogortzea eta, azkenean, ahalkea galdurik, hartaz prezatzea, loriatzea eta harropuztea. Eta handik aurrera, hartara ezkero, ez dagizula hartaz konturik: gaizki da, hurran da, hilaren pare egiten da. IX NOLA GEROTIK GERORA GABILTZALA BETE DAITEKEEN BEKATUEN NEURRIA, ETA OSA KONTUA Esaten du Salomonek, Jainkoarekin mintzo dela: –Omnia in mensura et numero et pondere disposuisti (Jkd 11:21). Jauna, zure gobernua eta ordenamendua hain da handia eta hain aitzina heltzen eta hedatzen da, non munduko gauza guztiak kontuan, pisuan eta neurrian egiten baitituzu. –Pondus et statera iudicia Domini (Es 16:11). Pisua eta balantza dira Jaunaren epaiketak eta sententziak. Ez da gutxitzerik eta ez berretzerik, ez da soberaniarik eta ez eskasiarik, ez da ignorantziarik eta ez «ez nuen uste»rik. Guztiak dakuski, guztiak dakizki eta guztiak berak bere eskuz, bere ordenamenduaren arabera, behar bezala gidatzen ditu. Hain xehero, bat-banaka, beregainki eta bereziki daki Jainkoak gauza guztien berri, non gure buruko ileak ere kontatuak baitauzka eta ez baitzaigu bat ere hark jakin gabe galtzen eta ez erortzen. Are, badaki zenbat paradisurako diren eta bai zenbat infernurako diren ere (Lk 12:7; 21:18). Eta hark berak daki eta ez bestek. Badu guztien kontua, eta kontu segurua eta gertua. Hala esaten du san Tomasek (S. Th., 1, 2, 7): –Numerus praedestinatorum in superna felicitate locandus, est certus et soli Deo cognitus. Bekatuak eta bekatuzko obrak baititugu geure geureak eta geuk eginak. Halako moldez, ezen esaten baitu Jainkoak berak Oseas profeta baitan (Os 13:9): –Perditio tua ex te Israel, tantummodo in me, auxilium tuum. Israel –kristaua–: zure galtzea zeuregandik, erremediatzea duzu enegandik. Bekatua zurea da; barkamena da enea. Ordea, guztiarekin ere, badaki Jainkoak gure bekatu guztien berria eta kontua; badaki zenbat egingo ditugun eta bai zenbateraino itxarongo zaigun ere. Hala esaten du san Agustinek (De Vita Christiana, 4. k.): –Sed hoc magis sentire nos convenit, tamdiu unumquemque Dei patientia sustentari, quamdiu nondum peccatorum suorum terminum finemque compleverit: quo completo, eum illico percuti, nec illi ullam veniam iam reservari. Jakin dezagun gauza bat: sentitzekoa baita itxaroten diola batbederari Jainkoaren pazientziak, bere bekatuen neurria bete arte, kontua konplitu arte eta, hura konplituz gero, ez dela gehiago itxaroterik eta ez barkamen erdiesterik. Badaki Jainkoak kontua, zenbat bekatu egingo ditugun eta bai zein handiak eta nolakoak ere. Eta uzten gaitu kontu hura konplitzen, neurria betetzen eta mukurutzen. Erabakia dauka anarteraino itxaroteko. Permititzen du ehun edo berrehun bekatu egin ditzagun, edo gutxiago edo gehiago; berak daki zenbat. Xedea ipinia dauka eta ez du nahi hartatik aitzinago iragan gaitezen: –Circumdedi illud terminis meis, et posui vectem et ostia; et dixi usque huc venies, et hic confringes tumentes fluctus tuos (Jb 38:10-11). Inguratu nuen itsasoa neure mugez eta mugarriez, ipini nizkion ate-sarrailak, eta esan nion: “honaino, kostaraino etorriko zara eta ez aitzinago, hemen geldituko zara, hemen hautsiko dituzu zeure uhinak eta ola hantu urguiluak”. Itsasoak, haserre denean, bere gaitzaldiak dituenean, badirudi irentsi behar duela mundua. Orduan, halako moldez irakiten du, non baldin bridarik ez balu, ordenatua ez balego, lur guztia estal bailezake. Ordea, Jeremias profetak dioen bezala (Jr 5:22): –Posui arenam terminum mari, praeceptum sempiternum, quod non praeteribit, commovebuntur et non poterunt et intumescent fluctus eius et non transibunt illud. Badu itsasoak bere xedea, bere marra, bere mugarria eta zedarri jakina, zein baita kosta eta kostako sablea, harea eta legarra. Han hausten da, han baratzen da, han gaitzago eta harroago bada ere, ematzen eta sosegatzen da. Bada, itsasoari bezala ipini dio Jainkoak gizonari ere, bere arauaz, bere zedarria; seinalatu dio noraino hel, bere xedea, bere mugarria eta marra. Eta nahiago badu ere, ez daiteke marra hartatik aitzinago iragan. Saia daiteke, desira dezake, baina alferrik. Zeren gizonak, nahi badu ongi eta nahi badu gaizki egiteko libertatea izanagatik ere, ez da, ez, handik segitzen, bai bekatuak libreki eta bere nahiz egiten dituela, baina ez nahi duen bezainbat bekatu egin dezakeela, eta ez libertate hari nahi duen bezainbat iraunarazi diezaiokeela. Zeren libertate haren gaineko eta nagusi da Jainkoa. Hark libertate hari eta haren iraupenari, gutxien uste duenean, bortxarik egin gabe utzarazi diezaioke, hets eta traba daraman bide gaiztoa. Askiesten du edo soberesten du, berebat aitzinago. Eta hala, ikusiko dituzu jende-tailu batzuk, neurria betetzeaz kontu gutxi eginik, abiadura handi batekin bekatu gehiago egitera abiatzen eta erdutzen direla, eta hain zinez eta deliberatuki, non iruditzen baitzaie ezen ja han direla eta deusek ere hara heltzetik ezin gibela ditzakeela. Ordea, ikusiko dituzu, halaber, noiz eta gogoa zinezenik hartan ipinia baitaukate eta lasterrenik baitoaz, orduan berean, edo eritasunez edo topo eginez, edo estropuz edo heriotzak harrapatuz, bere bekatu egiteko gogoarekin bidatze-erditan gelditzen direla. Hala gertatu zitzaion errege faraoni: Israeleko semeen kontra egundaino baino deliberamendu handiagoarekin zihoanean, esaten zuela –Persequar et comprehendam, dividam spolia, implebitur anima mea, evaginabo gladium meum, interficiet eos manus mea (Ir 15:9). Erdietsiko ditut, harrapatuko ditut, aspertuko natzaie, guztiak ezpataren ahotik pasatuko ditut. Bada, orduan berean, honela mintzo zenean eta zihoanean, neurria bete zitzaion, kontua osatu eta konplitu zitzaion eta, beruna bezala itsas hondarrera eroririk, bere egunak amaitu zitzaizkion. 1 Itsasoko ontziak, barka handiak anitz dauka, karga handia jasaten du. Erditaraino beteagatik, itsas gainean dago. Hiru laurdenak beteagatik ere badabil; oraino ageri da. Guztia bete dadinean, hondatzen eta hondoratzen da, orduan estaltzen da. Zeren ez da soberaniak gainez eragin ez diezaionik, ez da bere neurria baino gehiago eduki dezakeenik. Bada, hau berau gertatzen zaizu zeure bekatuen kargarekin zuri ere. Egiten dituzu hogei bekatu mortal, eta oraino bizi zara, itxaroten dizu Jainkoak. Egiten dituzu berrogei, eta oraino ere uzten zaitu. Egiten dituzu hirurogei, eta guztiarekin ere badu pazientzia, pairatzen dizkizu. Egiten dituzu laurogei, eta orduan betetzen da neurria, orduan mukurutzen da, orduan, gainez eginik, ontzia hondora bezala, zu ere infernuko zolara erortzen zara. Ordea, ez dut, ez, honetan esan nahi itxaroten duela beti Jainkoak laurogei bekatu egin arte. Ez dut esan nahi ez dela anarteraino neurria betetzen eta ez, orduan ere, orduan betetzen dela. Aitzitik, nola aski baita bekatu mortal bat infernura joateko, benturaz bada zenbait, bekatu bat beragatik, infernuan dagoenik, bekatu batez neurria bete duenik. Ohoin batzuk anitz ohoinkeriaren buruan urkatzen dituzte, eta, berriz, beste batzuk berehala lehenbizikoan dira harrapatuak. Hala gertatzen zaie, bada, bekatu anitzekin edo gutxirekin infernura joaten direnei ere. Batzuei itxaroten die Jainkoak luzaro, eta beste batzuei ez hainbat. Eta zergatik ez? Den bekatu mortalik ttipiena ere egiteko beldur izan gaitezen, hartaz neurria bete daitekeenez geroztik. Eta hala, esaten dudanean laurogeigarren bekatuaz neurria betetzen dela, orobat esan dezaket lehenbizikoaz, bigarrenaz edo hirugarrenaz bete daitekeela. Zeren nik konparazio honetan esan nahi dudana da badela bekatuetan neurri bat, badela ez aitzinago iragateko marra bat eta kontu bat. Eta lehenbiziko bekatua egiteko ere bai, baina guztiz ere handik aurrera hurrengoa egiteko behar dugula izan beldur, zeren hartaz, lehenaz egin ez dena, neurria bete baitaiteke. Eta honetatik atera dezakegu eta ikas anitz gauza. Lehenbizikoa: zinez gatzaizkiola, zu eta ni ere, zordun geure Jaungoikoari, zeren benturaz anitz baitago orain infernuan guk orainokoan egin dugun baino bekatu gutxiagorekin, eta guk geureak oraino, gehiago balira ere, Jainkoarekin batean erremedia baititzakegu. Halaber, bigarrena, ikas dezakegu honetatik betiere behar dugula izan beldur eta herabe bekatu egiteko, zeren ez baitakigu zeinez zerratzen den kontua, lehenbiziko egiten dugunaz ala bigarrenaz. Eta guztien buruan, ikas dezakegu eta atera honetatik erokeria handia dela guk geure buruan daramaguna eta esaten duguna: bekatuak uzten eta obra onak egiten gero hasiko garela. Zeren pentsatu behar genuke badela bekatuetan neurri bat, kontu jakin bat, eta, guk destatzen eta ordenatzen dugun gero hartara heldu gabe, kontu hura konpli daitekeela eta neurria bete. 2 Esaten du Aristotelesek (De anima, II, 4. k., 41), eta hari jarraikitzen zaizkio beste filosofo guztiak ere, –Omnia viventia, quae dicuntur natura constantia, habent certum limitem suae quantitatis. Bizitzen diren gauza guztiek badute bere neurria bere handitasunean, eta bai ttipitasunean ere. Gizona ezin dateke txitxarra bezain ttipi, eta ez txitxarra ere gizona bezain handi. Eta nola bizitzen diren gauza guztiek baitute bere handitasunean eta ttipitasunean bere puntua eta neurria, hala dute iraupenean ere bere denbora. Denbora bateraino iraun dezakete, eta ez gehiago; handik aurrera guztiak doaz beheitituaz, ahituaz eta bere indarrean flakatuaz. Animalia batzuek gehiago irauten dute beste batzuek baino, eta bai zuhaitzek ere. Ordea, guztiek dute bere denbora jakin bat eta neurri bat. Hala dute, bada, bekatuek eta bekatoreek ere bere arauaz bere neurria eta kontua zenbateraino hel, eta bai denbora ere, noiz arteraino iraun. Eta denbora hura konplituz gero, neurria betez gero, ez du Jainkoak gehiago itxaroten. Hala ematen du aditzera Eskritura Santuak, esaten duenean (4Esd 4:40): –Vade et interroga mulierem praegnantem, si quando impleverit novem menses suos, adhuc poterit matrix eius retinere partum in semet ipsa? Zoaz eta galdegiozu emakume izorrari ea, bederatzi hilabeteak betez gero, eduki dezakeen haurra sabelean. Ihardetsiko dizu ezetz. Ez eta, beraz, Jainkoak ere: bekatuen neurria betez gero, ezin eduki dezake, bere justiziaren arabera, bere kolera agertu gabe. Eta esaten badu ere Isaias profetak (Is 30:18): Expectat Dominus ut misereatur nostri, «itxaroten du Jainkoak gutaz miserikordia izateko», aditzen da itxaroten duela baldin neurria bete ez bada, denbora konplitu ez bada. Hala esan eta egin ere zuen Jainkoak berak Noeren denboran, uholde handi hartaz mundua hondatu zuenean (Has 6:13): –Repleta est terra iniquitate et ego disperdam eos cum terra. Bete da lurra gaiztakeriaz, mukurutu da maleziaz. Ez da, beraz, zer gehiago igurikirik; ditzagun guztiak lurrarekin batean gal eta honda. Eta hala hondatu zituen. Eta «lurrarekin batean» esaten du –disperdamus eos cum terra–, zeren lurra gelditu bazen ere, ordea, Glosak dioen bezala (Glosa liranoa, Genes. 6): –Per salsedinem aquarum, ipsa terra peiorata est. Uholde hartaz gero, lurra ere mehatua eta argaldua gelditu zen. Puntu honetara ez da gaizki heldu san Mateo ebanjelariak ipintzen duen konparazio bat, zeinez frogatzen baita bekatuetan bezala obra onetan ere neurria bete arte eta zoritu arte itxaroten duela Jainkoak. Eta da konparazioa (Mt 13:28-30): gizon batek erein zuen bere landan hazi ona, gari-bihi garbia, baina gero zenbait nahastekarik egotzi zuen gainetik hazi gaiztoa. Eta denborarekin batean hasi ziren hazi biak, ona eta gaiztoa, agertzen. Agertu zirenean, esan zioten bere mutilek nagusiari: –Vis imus et colligimus ea? Jauna, zuk hazi ona eta garbia erein zenuen zeure landan eta alorrean, baina badakusagu on harekin batean sortu dela gaiztoa ere. Nahi duzu, bada, joan gaitezen eta gaizto hura atera dezagun, bil dezagun? –Non. Ez –ihardesten die–, ez dut nahi. Sinite utraque crescere usque ad messem. Itxaron ezazue apur bat, zaudete oraino, luza ezazue uztaraino; utz itzazue hazi biak, ona eta gaiztoa, hazten, handitzen eta zoritzen, eta gero orduan ebakiko dituzue guztiak; eta onak ongi bildurik eta zamaturik, altxatuko, eta gaiztoak ere elkarganaturik, sura egotziko dituzue. Ez zuen nahi zoritu arte, bere sasoira eta mugara heldu arte inork uki zitzan, ez eta zorituz gero ere geldi zitezen. Hala egiten du, bada, gure Jainkoak ere, hala onekin nola gaiztoekin: itxaroten die guztiei zoritu arte, bere mugara, sasoira eta neurrira heldu arte; eta gero, orduan, onak bere loriarako altxatzen ditu, eta gaiztoak sekulako penetara egozten ditu. Fruituak uzten dituzu ontzen, umotzen eta bere sasoira heltzen. Hala uzten ditu, bada, Jainkoak ere onak ontasunean eta gaiztoak gaiztotasunean zoritzen eta neurria betetzen. 3 Gure Jaungoikoak, ikusirik jarri zitzaizkiola gaiztakeriari jendeak, esan zuen bihozmin handi batekin –tactus dolore cordis intrinsecus (Has 6:6)–, zeren berak nahi ez zuena munduko bekatuek eginarazten baitzioten: –Delebo hominem quem creavi a facie terrae (Has 6:7). Neuk egin nuen gizona, neuk desegingo dut; kenduko dut lurraren gainetik. Eta honetarako, deitu zuen Noe zeritzan gizon bat, zein, bera zortzigarren, etxetiar guztia gertatu baitzen on eta justu, eta hari esan zion: –Repleta est terra iniquitate (Has 6:13). Bete da mundua bekatuz eta maleziaz; gainez egin hurran du gaiztakeriaz. Eta hala, erabaki dut guztiak uholde batez desegitea eta hondatzea. Ordea, eman nahi diet asti, epe, termino eta espazio bizitzeko eta penitentzia egiteko: ehun eta hogei urte. Eta bitarte honetan zuk –esaten dio Noeri–, besteak abisatzeko eta zeure etxekoak salbatzeko eta, halaber, animalia-suerte guztietatik hazia eta arraza gelditzeko, egingo duzu ontzi bat, barka handi bat, esan den gauzarako aski handi datekeen bezalakoa. Eta hala egin ere zuen. Eta hartan sartu zirenak bizirik salbatu eta eskapatu ziren, eta ez besterik. Orain hemen behar da kontsideratu puntu bat. Ontzia eginarazterakoan, esan zien Jainkoak itxarongo ziela ehun eta hogei urtez. Baina baldin kontua ongi ateratzen badugu, aurkituko dugu ez ziela itxaron ehunez baizik. Zeren ageri da ezen, ontziaren edo barkaren agintea izan zuenean, bostehun urte zituela Noek, eta gero, seiehunera heldu zenean etorri zela uholdea. Zer esan nahi du, bada, honek? Prometa itxarongo ziela ehun eta hogei urtez, eta ez itxaron ehunez baizik? Non dira gainerakoak? Zer murrizte da hau? Zergatik ez du bere promesa osoki konplitzen? Ihardesten du san Krisostomok (25. hom., Genes. 2): –Antequam implerentur anni promissi, universale introduxit excidium? Et hoc fuit sacrae misericordiae maximum indicium. Nam, quoniam vidit incurabiliter illos peccare, et non solum nihil ex indicibili longanimitate sua proficere, sed et incrudescere ulcera, propterea succidit tempus, ut ne maiori scilicet poenae se obnoxios facerent. Egia da: prometatu zituen urteak konplitu gabe igorri zuen Jainkoak uholdea. Eta hau izan zen miserikordia sakratuaren seinale handi bat. Zeren, nola ikusi baitzuen egunero bekatu egiten ari zirela eta aitzinera ere hala ariko zirela, eta itxaroteaz, denbora gehiago emateaz, probetxu baino kalte gehiago heldu zitzaiela, bekatuen zauriak gordintzenago eta gaizkoatzenago zirela, hobenduriago egiten zirela, errukiturik, pena gutxiago etor zekien, gutxitu zien denbora, eta laburtu, hogei urtez, eman zien epea eta promesa. Honela ihardesten du san Krisostomok. Eta arrazoi ona da hau. Baina ez ni narraion gauza frogatzeko. Hartarako edireten da beste bat san Jeronimo baitan (ikus Quaestiones Hebraicae, super hunc locum), eta, ene ustez, ez gaiztoa. Eta da arrazoia: prometatu zien itxarongo ziela ehun eta hogei urtez, ez ordea itxaron ehunez baizik, zeren ehun eta hogei urtez egin behar zituzten bekatuak edo egin behar ez zituztenak ehunez egin baitzituzten, ehunez neurria bete baitzuten. Eta nola neurria betez gero ez baitzen zer gehiago itxaronik, halatan, nola berak lehiatu baitziren bekatu egitera eta neurria betetzera, erabaki zuen Jainkoak ere haiei bizia laburtzea eta hogei urteren denbora gutxitzea eta epaitzea. Honetatik atera dezakegu behar genukeela, gehiago bizitzeagatik bederen, bekatu egitetik gibelatu eta hartan neurria betetzetik eskusatu. Halatan esaten die Jeremias profetak juduei (Jr 44:7): –Quare facitis malum grande hoc contra animas vestras, ut intereat ex vobis vir et mulier? Zeuen buruon etsaiak: Jainkoagatik egin nahi ez baduzue ere, zergatik zeuen probetxuagatik eta gehiago bizitzeagatik bederen ez zarete bekatu egitetik begiratzen? Ez dakusazue bekatu egiteaz eta haien kontua konplitzeaz bizia laburtzen duzuela? Eta halatan, bestela hilko zineten baino lehen hiltzen zaretela? Zeren kontua konplituz gero, ez baita gehiago bizitzerik. Prometatu zien gure Jaungoikoak Abrahami eta haren ondokoei emango ziela Judeako erresuma on hura. Ordea, ez zien, prometatu eta berehala eman. Eta zergatik ez? Ihardesten du Jainkoak berak (Has 15:16): –Necdum enim completae sunt iniquitates Amorrhaeorum. Ez diet ematen berehala, zeren ez baitira oraino bete eta konplitu amorriten bekatuak, zeinek baitaukate herri hura. Haiek neurria bete dezatenean eta kontua konpli, orduan edekiko diet haiei, eta emango Abrahami eta haren ondokoei. Ez zuen, irudiz, hala egin Sodomakoekin eta Gomorrakoekin: haiek, esan eta berehala, gehiago itxaron gabe, zerutik su bat igorririk erre zituen, zeren ja ordurako neurria bete baitzuten. Eta honen gainean esaten du san Agustinek (vide De Vita Christiana, 4. k.): –Quo exemplo manifeste instruimur et docemur, singulos secundum peccatorum suorum plenitudinem consummari, et tamdiu ut convertantur sustinere, quamdiu cumulum suorum, non habuerint, delictorum consummatum. Etsenplu honetaz ematen zaigu aditzera, eta erakusten klarki, batbederari bere bekatuak bete dituenean betetzen zaizkiola bere egunak ere; denbora hartaraino itxaroten zaiola, eta ez gehiago. Eta baldin orainokoan esan ditugun gauza hauek guztiok egiak badira, nola baitira egiak, baldin Jainkoak erabakia badauka itxaroteko neurria bete arte eta ez gehiago, zertan pentsatzen ote duzu zuk, orainokoan ere, buruan ile duzun baino bekatu gehiago egin duzun horrek? Zer dakizu hurran lehenbiziko egingo duzunaz zuk zeure neurria betetzen duzunetz, kontua konplitzen duzunetz? Zer dakizu lehenbiziko egingo duzun bekatuaren begira dagoenetz Jainkoa zure egunak amaitzeko eta mundutik ateratzeko? Kontsideratzekoa eta beti ere gogoan edukitzeko puntua da hau. Baina zuk puntu honetaz eta beste honelakoez ere kontu gutxi eginik, zeure gero hartara laster egiten duzu, eta betiere gero onduko zarela eta zure neurria ez dela oraino beteko esaten duzu. Ordea, zer izango da zure gero hura heldu gabe zure bekatuen kontua bere kontura heltzen bada? Eta zure bizia ere amaitzen bada? Kontsiderazio hau berau, besterik gabe, asko behar litzateke ez gehiago gerotik gerora ibiltzeko, edo bai, behintzat, bekatu bat egitera zoazenean hura egitetik ixtitzeko eta gibelatzeko. Zeren pentsatu behar zenuke ezen egitera zoazen bekatu hura dela, benturaz, zure azken bekatua, eta hartaz zuk zeure neurria betetzen duzula, zeren ez zara seguru. Anitz bekatu egin duzu orainokoan, eta guztiarekin ere, uzten zaitu oraino Jainkoak, itxaroten dizu. Beraz, esperantza ahal dukezu ez duzula oraino neurria bete. Ordea, bete dezakezu lehenbiziko egingo duzunaz. Beraz, hura egitetik behar duzu begiratu. Eta hala, izan bitez iraganak iragan, haiek ahalik eta hobekien erremedia ditzagun eta aitzinera gehiago egitetik ahalez begira gaitezen, betiere puntu hau, neurria betetzeko arrisku hau gogoan edukitzen dugula, eta bizitzen garela, ez bekatuz eta gaiztakeriaz, baina ontasunez eta obra onez neurria beterik azkenean zeruko loria erdiets dezakegun bezala. X ANITZ BALIO DUELA JAINKOAREN MISERIKORDIAK, ETA NOLA BEHAR DEN HARTAN FIDATU Esaten du san Tomasek (S. Th., 2-2, 129, 6: 3): –Fiducia est spes roborata, ex aliqua firma opinione. Konfiantza da esperantza bat bortiztua, indarztatua eta, ustez, ongi finkatua eta segurtatua. Duzunean adiskide bat aberatsa, boteretsua eta zeure egiteko guztietan betiere fin eta leial frogatua, halakoaren hitza dirutzat hartzen duzu, eskaintzea ematea bezainbat zaizu; haren promesetan, keinuetan eta are aieruetan ere konfiantza handia daukazu. Beraz, honelatan, arrazoirekin edukiko dugu guk ere konfiantza handia eta esperantza beroa geure Jainkoa baitan eta haren miserikordian. Zeren haren baitan aurkituko ditugu are abantailatuki fidatzeko eta esperantza izateko ahal diratekeen segurantza guztiak. Lehenbizikorik, hura da gure adiskide, eta hain adiskide, non zerutik lurrera jaitsirik, lurrean guregatik –are bere etsai gintuelarik– bere bizia liberalki eta boluntarioki eman baitzuen. Hala esaten du jondoni Paulok (Erm 5:8-9): –Commendat Deus Caritatem suam in nobis, quoniam, cum adhuc peccatores essemus, Christus pro nobis mortuus est. Halaber, hura da aberats eta boteretsu, zeren zerua eta lurra, zeruko eta lurreko gauza guztiekin, bereak, berak eginak eta bere eskuko baititu: Domini est terra et plenitudo eius (Sal 23:1). «Egin bitez» esateaz egin zituen, eta «desegin bitez» esateaz desegin ditzake: –Ipse dixit et facta sunt (Sal 32:9). Ez da ibiltzerik eta ez higitzerik, ez da irauterik eta ez hats hartzerik haren nahia eta borondatea gabe: –In ipso enim vivimus, et movemur, et sumus (Eg 17:28). Bada, fintasunaz, bere hitzaren leial eta jabe izateaz ez da zer esanik (Si 2:11-12): –Respicite filii nationes hominum, et scitote, quia nullus speravit in Domino, et confusus est. Quis enim permansit in mandatis eius, et derelictus est? Aut quis invocavit eum et despexit illum? Beha ezazue munduko generazio guztietara eta aurkituko duzue ez dela egundaino Jauna baitan fidatu denik galdu, eta ez bere beharrean, behar den bidean, hura behartu duenik, bere behar duena gabe gelditu. Halatan esaten du errege Dabidek (Sal 54:23): –Iacta super Dominum curam tuam, et ipse te enutriet. Nahi baduzu zutaz ongi joan dadin eta ongi irten dadin, ipin itzazu zeure esperantza, konfiantza eta ardura guztiak Jainkoa baitan, haren gainera egotz itzazu; zeren munduko irudiz erremediorik ez duten egitekoei ere hark aurkituko die eta emango buru. Badirudi ezen, hau aditzera emateagatik, anitzetan ere uzten gaituela geure Jaungoikoak hersturatan jartzen, egitekotan sartzen eta zerutik baizik erremediorik ezin dukegun bezalako puntura etortzen, lurraz eta lurreko habe, jabe eta fabore guztiez etsirik, zerura eta zerukoetara konfiantza handirekin laster egin dezagun. Hala esaten du san Krisostomok (17. hom. ): –Quando res in maximam inciderit inopiam, tunc tu maxime spera; tunc enim Deus maximam suam ostendit potentiam; non a priomordio, sed quando res fuerit maxime desperata. Egitekoak egitekotan direnean, galdu-gordean dabiltzanean, orduan eukazu zuk egundaino baino esperantza gehiago. Zeren orduan erakutsiko du Jainkoak bere botere handia, ez egitekoa hastean, baina bai premiarik handienean eta inondik erremediorik ez dela dirudienean. Zeren orduan da Jainkoaren faborearen eta laguntzaren sasoia eta puntada. Beraz, orduan behar duzu zuk Jainkoa baitan eta haren miserikordian fidatu eta esperantza izan. Eta hala egiten duzun denboran ez du, ez, Jainkoak huts egiten. Aitzitik, bere ontasuna, miserikordia eta boterea erakusteagatik, orduan laster egiten du, orduan heltzen zaizu, orduan zuk pentsatu ere ez zenukeen bidetik erremedio igortzen dizu, jakin dezazun, beste erremedio guztiak ahitu direnean, harenak hasten direla; jakin dezazun beste guztiek deus ezin eginez utzi zaituztenean, hark bai egin dezakeela eta orduan faboratzen zaituela. Hala faboratu zuen Jonas profeta hiru egunez eta gauez baleak sabelean bizirik erabili zuenean. Hala faboratu eta begiratu zituen Israeleko semeak ere itsasbazterrean, errege faraonek alde guztietatik inguratuak eta, ezin ihesik egin zezaketen bezala, ustez hartuak eta harrapatuak zeuzkanean. Hala faboratu zuen Susana, Lege Zaharreko emakume prestu hura ere, bere senarraz besterekin izan zela faltsuki akusaturik harriz jokatzera zeramatenean. Finean, hala faboratu zuen Daniel profeta ere lehoien artetik eta boteretik osorik eta salburik atera zuenean. Nork esan zukeen gizon bat hiru egunez eta gauez balearen sabelean ibiliz gero bizirik lehorrera irtengo zela? Nork sinetsi zukeen Israeleko semeak, itsasbazterrean, hain herstura handian izan zirenak faraonen eskuetatik itzuriko zirela? Eta faraon bera bere botere guztiarekin itorik han geldituko zela? Nork pentsatu zukeen Susana gaiztotzat kondenaturik, plazara galtzeko ateraz gero, hainbat ohorerekin etxera bihurtuko zela eta haren akusatzaileak eta kondenatzaileak haren lekuan kondenatuak eta justiziatuak izango zirela? Finean, nori gogoratu zitzaiokeen Daniel bezalakoa lehoi gose-minduek bere menean eta atzaparren artean edukiz gero desegin gabe eta irentsi gabe utziko zutela? Hauek dira Jainkoaren mirakuluak, Jainkoak berak egin zitzakeenak eta ez bestek. Eta egin zituen jende haien alde, zeren haiek herstura haietan zirenean, bere esperantza guztia, konfiantza handirekin, Jainkoa baitan ipini baitzuten. Hala ipini gabe, Israeleko seme Egiptotik atera zirenetatik ez ziren Josue eta Kalef baizik herri prometatuan sartuko, zeren guztien artetik, haiek biek bai, baina ez baitzuen bestek Jainkoaren promesetan eta esanetan behar zen esperantza, sinestea eta konfiantza eduki. 1 Abiatu zen egun batez jondoni Petri itsas gainean Jesukristo bere nagusiagana. Eta abiatu zen berehala oinez, ontzirik eta txaluparik edo batelik gabe, lehorrean izan balitz bezala, konfiantza handi batekin, esperantza seguru batekin, bere Jainko nagusiagana zihoanez geroztik, haren faborearekin batean itsasoak jasanen zuela, ez zela itoko eta ez hondatuko. Eta ez zen, ez, engainatu. Zeren konfiantza hark iraun zion bitartean jasan zuen itsasoak, ez zen hondora; lehorrean bezain segurki eta gogorki finkatzen zituen oinak. Baina gero, haize bat jaikirik, itsasoa handitzen eta haserretzen hasi zenean, hasi zen halaber jondoni Petri ere izutzen, ikaratzen, dudatzen, esperantza eta konfiantza galtzen. Eta nola baitzihoan dudatuaz eta konfiantza galduaz, hala zihoan itsasoan barrena ere sartuaz, estaliaz eta hondatuaz, halako moldez ezen azkenean, guztiz honda ez zedin, bere nagusiak eskua, goiti edukitzeko, eman behar izan baitzion, esaten ziola (Mt 14:31): –Modicae fidei, quare dubitasti? A, fede apurrekoa, konfiantza gutxikoa! Zergatik dudatu duk? Zergatik ez haiz lehengo gogoan eta sinestean fin egon? Konfiantza izan zuen bitartean, ongi joan zitzaion, orduan jasan zuen itsasoak. Baina konfiantza hura faltatu zitzaionean, faltatu zitzaion itsasoari ere jasateko eta sostengatzeko indarra eta boterea. Halatan esaten du errege Dabidek (Sal 124:1): –Qui confidunt in Domino sicut mons Sion. Jauna baitan fidatzen direnak Siongo oihana eta mendia bezala izango dira, hura bezain fermu, finko, seguru eta bortitz. Beraz, honelatan, anitz balio du esperantzak, indar handia du fidatzeak, hain handia ezen baitirudi asko izango dela fidatze hura bera batbedera, egitekotan denean eta guztiz ere bere azken finean gaiztoago bada ere, salbatzeko eta bide onean ipintzeko. Ez horrelakorik! Hala irudiagatik, ez da hala, ez da konfiantza bera asko izango. Zeren egia da: anitz balio du fidatzeak, indar handia du esperantzak; ordea, aditzen dela neurriz, soberania gabe. Zeren soberania guztiak dira gaizto, honen ondoko kapituluan ageriko den bezala. XI JAINKOAREN MISERIKORDIAN FIDATURIK EZ DELA PENITENTZIA EGITEA GERORAKO UTZI BEHAR Esaten du san Agustinek, Jainkoaren miserikordian sobera fidatzen direnez mintzo dela (ikus De vera et falsa poenitentia, 4. k.), esaten dutela halakoek: –Miserikordioso da Jainkoa, bihozbera, amodioz eta ontasunez betea. Beraz, ez dugu zer lehiaturik obra onak egitera. Zeren berdin ez da deusen arriskurik; orobat da bihar, orobat da gero. Ahal dukegu esperantza, konfiantza eta segurantza bizitza luzea emango digula, eta noiznahi den, zahartzean eta, are, hiltzerakoan ere, geure bekatu guztiak barkatuko dizkigula. Zeren hain gauza onak, miserikordiosoak, bihozberak eta amultsuak ez lekike bestela egiten, ez lekike inori gaitzik ematen. Guregatik zerutik lurrera jaitsi zen. Guregatik bizia eman zuen; gorputzeko odol guztia isuri zuen. Eta odol hartaz, bere Aitaren eta gure arteko trabua eta etsaigoa kendurik, bekatuaren zorra osoki justiziaren arabera ordaindurik eta gatibutasunetik ere aterarik, libertatean ipini gintuen. Eta Jainkoak honelako gauzarik egin baino lehen, Lege Zaharrean ere gaiztoak berak kondenatzen ziren eta ez besterik. Beraz, orain ez dira gaizto guztiak ere kondenatzen, edo gaiztoak errazki ontzen dira. Zeren, bestela, zer diferentzia litzateke lehengo denboratik honetara? Edo zer probetxu genuke guk Jainkoaren mundu honetan ibiliaz eta penatuaz? Eta Jainkoak berak esan bazuen ere multi sunt vocati, pauci vero electi (Mt 20:16 & 22:14), anitz direla deituak, baina gutxiak hautatuak, hargatik ez dugu guk, kristauok, zer izuturik. Zeren kristaurik baizik ez da salbatzen, eta gutxiak dira kristauak kristau ez direnen aldean. Eta hala, esaten denean anitz direla deituak eta gutxiak hautatuak, aditzen da jentilak, mairuak, turkoak, juduak, luterarrak eta munduko beste guztiak direla deituak. Baina gutxiak –kristauak berak– hautatuak, eta ez besterik. Honela dio san Agustinek esaten dutela jende-suerte batzuek. Baina parterik gehienean esaten dute gaizki eta gaiztoki. Mintzatze-molde hau gure etsai gaiztoaren buruan pentsatua da eta handik aterea. Zeren orain, Jaungoikoak heriotza errezibituz gero, errazago bada ere salbatzea eta bekatuetatik ateratzea lehen baino, ordea orain ere atera behar da, ez da erraztasun haren esperantzan bekatutan egon behar. Nola etsai gaiztoak gure Jainkoari berari, tenpluaren gainera tentatzera eraman zuenean, esan baitzion mitte te deorsum (Mt 4:6), egotz zezala handik behera bere burua, zeren berdin aingeruek jasango zutela, min hartzetik begiratuko zutela, hala esaten dizu zuri ere orain: –Egotz ezazu zeure burua gogoan darabilzun bekatu horretan; obra ezazu, zeure desira konpli ezazu, ez zaitzala deusek ere gibela. Zeren berdin, nola Jainkoa baita hain on eta miserikordioso, ez zaizu urrikituko, ez zaizu kalterik etorriko. Zuregatik bizia eman zuenak, hainbat pena eta buruhauste iragan zuenak ez du, ez, haiek guztiak alfer gerta daitezen nahiko, ez zaitu galtzen utziko. Egotz ezazu, beraz, zeure burua, egizu bekatu, fida zaitez, ez zarela deusen beldur. Hau da Deabruaren hizkuntza, haren eskolan irakurtua, han ereina eta handik banatua. Jainkoaren miserikordiatik, ontasunetik eta Pasio santuaren meritutik eta baliotik nahi duzu hartu okasio eta ausartzia bekatu egiteko eta bekatutan egoteko. Hain da itsustasun eta itsutasun handia eta jende galduen kontua hau, ezen gure Salbatzailea arranguratu ez bazen ere bere heriotza penatuaz eta desohorezkoaz, arranguratu eta sentikortu baitzen bidegabe honetaz, esaten zuela (Sal 128:3): –Supra dorsum meum fabricaverunt peccatores, prolongaverunt iniquitatem suam. Ene sorbalden gainean egin zuten egur bekatoreek, han bere gaiztakeria hedatu, luzatu eta zabaldu zuten. Esan nahi du: –Gaiztoek bere gaiztakeriak egiteko eta haietan luzaro egoteko, hartzen dituzte zimendutzat eta okasiotzat nik neure sorbalden gainean errezibitu nituen azoteak, kolpeak, penak eta oinazeak. Eta haietan fidaturik, haietan esperantza izanik eta kontu eginik berdin nik haiengatik pagatu nuela, ausartzen dira bekatu egitera eta bekatutan egotera, esaten dutela: “Miserikordioso da Jainkoa; maite gaitu, on derizku, bereak, bere odolaz erosiak gaitu; men-menera gaitezenean ez diezaguke falta. Beraz, har dezakegu esku eta lizentzia zenbait bekatu egiteko”. Esan behar da miserikordioso dela Jainkoa honelako ahapaldiak, honen itsusiak pairatzen dituenean. 1 San Basilio beste hizkuntza batez baliatzen da gauza honetaz mintzo denean, esaten duela (Hom. in Psalm. 32, 3): –Nam et ille misericordiam cum iudicio exhibet, qui in pondere, numero et mensura admetitur, cuiusque merita et appendit. Ez dadila inor Jainkoaren miserikordian sobera fida. Zeren nola Jaungoikoak gure obra guztiak kontuan, pisuan eta neurrian kontatzen, pisatzen eta neurtzen baititu, hala bere miserikordiaz ere kontuz, pisuz eta neurriz, justiziaren arauaz baliatzen da. –Mel invenisti, comede quod sufficit tibi, ne forte satiatus evomas illud –dio Espiritu Santuak (Es 25:16)–. Ediren duzu eztia; jan ezazu, bada, neurriz, aski duzun bezainbeste eta ez gehiago, ase eginik oka ez dagizun, ahotik bihur ez dezazun. Justizia min da eta garratz, eta miserikordia gozo eta ezti. Ordea, ezti hartatik, ezti izanagatik, ez da sobera jan behar, ez da miserikordiaren eztitasunean fidaturik bekaturik egin behar. Zeren hala egitea ezti sobera jatea da. –Ne dicas miseratio Dei magna est, multitudinis peccatorum meorum miserebitur: misericordia enim et ira cito ab illo proximant (Si 5:6-7). Ez dezazula esan miserikordioso dela Jainkoa eta zeure bekatu guztiak barkatuko dizkizula. Zeren miserikordia eta justizia hurbil dagozkie Jainkoari eta elkarri, eta justiziak bekatoreetara dauka begia. Miserikordiaren eztitasunari behatzen diozun bezala, behatu behar diozu justiziaren garraztasunari ere. Zeren Jainkoa hain da justiziati nola miserikordioso. Miserikordia eta justizia berdin dira pisuan, berdin dira balantzan. Egia da san Tomasek dioen bezala (S. Th., 2-2, 21, 2): –Magis proprium est Deo misereri et parcere quam punire, propter eius bonitatem infinitam. Illud enim secundum se Deo convenit; hoc autem secundum nostra peccata. Plazentago eta laketago zaio Jainkoari miserikordia justizia baino, eta bai barkatzea ere gaztigatzea baino. Eta halatan baliatzen da anitzetan ere bere miserikordiaz, guk merezi gaberik, bere ontasunagatik beragatik; baina ez justiziaz: ez da behin ere baliatzen guk lehenik geure bekatuez hartara behartu gabe. Ordea, izateaz denaz bezainbatean, bada Jainkoa baitan hainbat justizia nola miserikordia, nola ageriko baita beste munduan, hemengo denbora miserikordiazko hau iragan dadinean. Hargatik esaten du profeta Dabidek (Sal 100:1): –Misericordiam et iustitiam cantabo tibi Domine. Jauna, miserikordia eta justizia kantatuko dizkizut, biak berdin, hain ongi bata nola bestea. Miserikordiaz soilki eta bakarrik, justiziaz konturik egin gabe, mintzo denak ez daki zer mintzo den, ez du halakoak justiziaren handitasuna ikusten. Eta ikusazu nola ez duen ikusten. Zuk diozu miserikordioso dela Jainkoa, eta ongi diozu. Baina zuk, Jainkoa miserikordioso dela diozun horrek, aditu behar dituzu apur bat justiziaren tornuak eta kolpeak ere, haiek aditurik konfiantza eroak utz ditzazun. 2 Justiziaren lehenbiziko kolpea eta desarra izan zen goitian, zeruko aingeruetan, Luziferren eta haren lagunen gainean. Zeruko aingerurik ederrena, abantailatuena eta Jainkoaren adiskiderik handiena egotzi zuen justiziak urguiluko bekatu batengatik, sekula fingabeko, infernuko penetara. Eta aingeru guztien lehena, aitzindaria eta agintaria egin zen deabru eta deabru guztien buruzagi, gidari eta kapitain. Zen ederrena egin zen itsusienik; bere gogarena, gaizkienik; onetsiena, gaitzetsienik; eta gorena, beherenik. Halako suertez non Isaias profetak, hain jautsapen handiaz miretsirik, galdegiten baitio Luzifer berari (Is 14:12): –Quomodo cecidisti Lucifer qui mane oriebaris? Nola erori zinen, Luzifer? Nola erori zinen, artizarra, goizean goiz, oilaritean, sortu eta atera ohi zinena? Hain gora zeundena? Handia eta izugarria izan zen zeruan justiziak egin zuen kolpe hura. Baina egin zuen lurrean ere beste bat, ez bere arauaz atseginagoa, baldin erremediorik ordenatu ez balitzaio, zein baita Adanen bekatuari eman zitzaion gaztigua. Zeruan Luziferrek berak bederen egin zuen bekatu, eta ez da miresteko nor bere bekatuagatik penatzea. Baina lurrean besteren bekatuagatik, Adanenagatik, haren ondoko guztiak, are sortu baino lehen, bere amaren sabelean pizten diren puntuan, izan daitezen bekatore eta hobenduri, eta hainbat urteren buruan ez dakion ahantz Jainkoari bekatu hura, nork ez du miretsiko? Zer ahal dateke justizia bortitzagorik? Miserikordioso da Jainkoa eta, bere miserikordia guztiarekin, beha dagokio infernuan dagoen bati; ikusten du eta ikusiko du nola mila urtez eta hamar milaz penatzen den. Eta guztiarekin ere, hala ikusiagatik ere, han bere lekuan uzten du. Ez zaio batere bihotzik hausten, ez da batere hala dagoen onbeharraz errukitzen. Aitzitik, atsegin hartzen du zeren hala penatzen den, eta nahi du pena dadin eta, are, handik ateratzeko esperantzarik gabe pena dadin. Gogortasunaren handia! Justiziaren bortitza! Zuk diozu miserikordioso dela Jainkoa. Baina honetan badirudi justiziatiago dela, eta justiziak garaitzen duela miserikordia. Eta arrazoirekin dirudi hala, zeren ez baita beste munduan izango gaiztoentzat miserikordiarik. Miserikordioso da Jainkoa, baina esan behar da justiziati ere badela. Zeren munduari barkatzera, ezin deusek ere balakatu zuen eta amoratu bere semearen heriotzak baizik. Miserikordioso da Jainkoa, eta guztiarekin ere, Noeren denboran zortzi pertsonaz beste guztiak uholde batez hondatu eta akabatu zituen. Halaber, Sodoma eta Gomorra, inguruneko beste hiri batzuekin, su bat zerutik igorririk erre zituen. Halaber, Datan eta Abiron lurrak bere lagunekin irentsi zituen. Eta orduan, haiek guztiak infernura ziren. Eta orain ere infernuratzen dira kristau ez direnak. Eta beldur naiz, kristauetatik ere, gehienek bide hura bera hartzen duten; eta esaten denean anitz direla deituak eta gutxiak hautatuak, kristauez ere orobat aditzen den. Zeren non da kristaurik, kristau bezala bizitzen denik? Behar den bidean Jainkoa laudatzen eta zerbitzatzen duenik? Haren agindu santuak begiratzen dituenik? Edo bere nahikunde gaizto baten konplitzetik Jainkoagatik gibelatzen denik? Ote da munduan bat ere halakorik? Bai, bada zenbait, zeren Eliza ezin dateke gabe. Ordea, gutxi. Eta halatan, Eskritura Santuan konparatzen dira kristau onak harri preziatuekin, aditzera emateagatik, harri preziatu bezala, kristau on ere gutxi dela, batak bezain besteak direla gaitz edireten; eta, nola beste harrietatik baita preziatuetatik baino frankoago, hala dela, halaber, kondenatuetatik ere salbatuetatik baino gehiago. Salomonek dioen bezala (Koh 1:15), –Stultorum infinitus est numerus. Eroen kontua infinitu da, infinituki anitz kondenatzen da. Bada, baldin anitz kondenatzen bada, are kristauetatik ere, zergatik zu ere, kristau izanagatik ere, ez zara beldur izango kondenatuetatik bat gerta zaitezen? Orainokoan, anitz egotzi du Jainkoak infernura; zergatik, bada, ez zaitu zu ere egotziko, baldin egotzi dituen haiek bezala bizitzen bazara? Uste duzu zuretzat lege berri bat jarriko dela? Uste duzu Jainkoa han goitian zu gabe ezin iragan daitekeela? Edo zu ez haratzeaz bere loriatik galduko duela? Zer burupe, zer pribilegio edo abantaila duzu zuk orain, infernuan daudenek bere denboran zuten baino gehiago, baldin haiek bezala bizitzen bazara, ez haiek bezala haratzeko edo handik eskapatzeko? Eta baldin Jainkoaren miserikordian fidatzen bazara, ez duzu uste orain infernuan diren haiek ere bere denboran fidatzen zirela? Jakizu ezen, miserikordiak justuei loria bezala, justiziak ere gaiztoei infernua ematen diela. 3 Zeren Jainkoa den bihozbera eta miserikordioso, ez da, ez, honetatik hartu behar okasiorik eta ez eskudantziarik bekatu gehiago egiteko. Zeren hau litzateke kontrapozoia pozoi egitea, Jainkoaren miserikordiaz eta ontasunaz kontrara baliatzea, eta bai miserikordiarik ez den lekuan ere, oinak bermatzeko arriskuan jartzea. Badira betaurreko batzuk, begi-orde batzuk, zeinek gauzak diren baino handiago irudiarazten baitituzte. Eta gerta daitekeen kasua da halako betaurrekoekin zubi batetik iragaten zarela, zubia den baino handiago iruditurik eta zubirik ez den lekuan oinak emanik, eror baitzintezke zubi azpiko osinera, eta han ito eta honda. Bada, zeruko loriara iragateko zubia miserikordia da; eta baldin miserikordiaren zubi honetatik iragan nahi baduzu zuk ausarkiegi, fidatukiegi, esperantza ero baten betaurrekoak jantzirik, eta iruditurik ezen, zeren kristau zarenez eta Jainkoa ere miserikordioso denez, hargatik beragatik ere salbatuko zarela, engaina zintezke eta, miserikordiaren zubirik ez den lekuan esperantzaren oinak ipinirik, justiziaren osinean eror zintezke. Zeren Jainkoaren miserikordia infinituki handi izanagatik, ez da, ez, aditzen eta ez handik segitzen handitasun hark zuri bekatu egiteko okasiorik eman behar dizula. –Non sic est Deus misericors, ut sit iniustus –dio san Agustinek (Enarratio in Psalm. 39, 19)–. Ez da Jainkoa halako moldez miserikordioso, non justiziari bidegaberik egin diezaion. Badio, halaber, san Agustinek (Enarratio in Psalm. 58, 13): –Puniamus nostra peccata si quaerimus misericordiam Dei. Non potest Deus misereri omnium operantium iniquitatem, quasi blandiens peccatis et non erradicans peccata. Gaztiga ditzagun geure bekatuak, dagigun haietaz penitentzia, baldin nahi badugu erdietsi Jainkoaren miserikordia. Zeren Jainkoak ezin barka diezaioke bekatoreari bekatutan dagoeno, haietan atsegin hartzen dueno, haietatik apartatzea erabaki arte. Ez da Jainkoaren miserikordia hain aitzina heltzen eta ez hedatzen. Eta ez hedatze hau gauzaren ezinkizunetik heldu da, eta ez miserikordiaren eskastasunetik. Ez da esaten miserikordioso dela Jainkoa zeren bekatutan debilenari, hala dabileno eta ibiltzeko gogo dueno, lausengatzen eta barkatzen dion; baina esaten da miserikordioso dela zeren, bere bekatuak behar den bidean utzirik, behar den bidean etortzen zaionari eta bere ahala egiten duenari ez baitio huts egiten eta ez barkamenik ukatzen. Eta aski da hau eta honela egitea miserikordioso izateko. Entzuten duzunean bihozbera eta miserikordioso dela Jainkoa, atsegin hartzen duzu, eta entzunagatik gaitz, gogor eta justiziati ere badela, ez duzu konturik egiten. Bada, Eskritura Santuan Jainkoak prometatzen dituen fabore handi, ezti, gozo, miserikordiazko haiek justuentzat, ongi, artez eta presturik bizitzen direnentzat dira, eta mehatxuak, keinuak, justiziaren garraztasunak eta gaztiguak gaiztoentzat, zure eta zu bezalakoentzat. Zer erokeria da, bada, hau, zuretzat diren mehatxuez eta gaztiguez ez dagizun konturik, eta zuretzat ez diren miserikordiazko solasez har dezazun atsegin? Miserikordia justuei, zu ez bezalakoei dagokie. Ez duzu zuk, bekatutan zaudeno, hartan parterik eta ez ikuskizunik; ez duzu orduan, Jainkoa miserikordioso dela entzunagatik, zer pozturik. Zeren orduan, justizia bai, baina miserikordia ez da zurekin mintzo, ez da orduan zure. Aparta zaitez bekatutik eta izango da zure; aparta zaitez bekatutik eta izango duzu parte. Baina anarteraino, bitartean, justizia eukazu zeuretzat, eta utzazu miserikordia bere bekatuetatik apartatzen direnentzat. Zeren, bestela, debekuan nahi dituzu eskuak sartu, besteren zuzena nahi duzu zeuretu eta goratu. 4 Esango duzu beti dela on esperantza, beti behar dela eduki konfiantza. Eta ongi diozu; egia da, hala da. Ordea, noiz eta nola «beti»? Bekatu eginez gero, baina ez egiterakoan. Ez da Jainkoaren miserikordian fidaturik bekaturik egin behar. Susana emakume santu hark nahiago zuen jende gaizto batzuen eskuetan erori, Jainkoaren miserikordiaren menean baino: –Melius est mihi incidere in manus hominum absque peccato, quam peccare in conspectu Domini (Dn 13:23). Baina errege Dabidek nahiago zuen jendeekin baino Jainkoarekin iharduki, nahiago zituen bere on-gaitzak harekin iragan: –Melius est ut incidam in manus Domini, quam in manus hominum (2Sm 24:14). Eta biek, hala Dabidek nola Susanak, zeramaten kontu ona. Zeren Susana zen bekatu egin gabea eta Dabid bekatu egina. Eta bekatu eginez gero, Jainkoarekin behar da iharduki, hara laster, han fida, haren miserikordiatik behar da erremedio. Nola Zesarrek kondenatuak apelatu baitzuen Zesar beragana, Zesar haserretuagandik ez haserretuagana, hala bekatoreak ere behar du apelatu Jainkoagandik Jainkoagana, Jainko justiziazkoagandik Jainko miserikordiazkoagana. Bekatu eginez gero, ez da beste biderik, ez da beste erremediorik. Ordea, inor bekatu egin gabea denean, nola baitzen Susana, hobe da egitekoak alde honetatik egitea, hobe da gizonekin ihardukitzea eta haietatik etor dakiokeen kalteari itxarotea, ezen ez Jainkoa baitan eta haren miserikordian fidaturik bekatu egitea. Baina guk kontrara egiten dugu: zer izango baita ere etorkizunaz, gero Jainkoaren miserikordiara ihes egingo badugu ere, orain eskuen gainean, presentean, ez dugu bekaturik ez egiteagatik plazerik utzi nahi eta ez penarik hartu; nahiago gatzaizkio etorkizuneko arrisku handiari eta gaitz bortitzari jarri, presenteko lan apurrari baino. Eta zerk egiten du hau? Fidatzeak, kontu egiteak berdin gero Jainko miserikordiosoak guztiak barkatuko dizkigula eta erremediatuko. Kontuaren gaiztoa! Fidantziaren eroa! Fidatzen zara bekatu eginez gerozko kalteak erremediatuko dituela Jainkoak, eta ez zara fidatzen eta ez oroitzen erremedia ditzakeela, halaber, bekaturik ez egiteagatik etor dakizkizukeen atsekabeak eta egitekoak. Behar ez denean fidatzen zara, eta ez behar denean. Behar ez denean iruditzen zaizu Jainkoaren miserikordia handi, eta ez behar denean. Hamar txanponen behar zarenean edo beste premia bat eta eskastasun bat duzunean, ez zara fidatzen, ez duzu esperantzarik, prestuki bizitzen zarelarik eta bekaturik egin gabe egoten zarelarik, zeure premia eta eskastasuna estal diezazula Jainkoak. Eta, hala, zeure esperantzagabearekin egiten duzu bekatu, ebasten duzu, egiten duzu ohoinkeria bat. Eta egiten duzu ohoinkeria hura esperantzaz gero berdin Jainko miserikordiosoak barkatuko dizula hartako bekatua. Itsutasunaren handia! Orain, Jainkoarekin adiskide zarenean, bekaturik gabe zaudenean ez duzu esperantzarik Jainkoak zuregatik deus egin dezakeela, zure premia estal dezakeela. Eta gero, etsai zarenean eta bekatuz betea zaudenean, duzu konfiantza, guztiak barkaturik, bere grazia eta loria, hain gauza handiak, baliosak eta erdiesteko gaitzak, emango dizkizula. Gauza errazean ez zara fidatzen, eta bai gaitzean. Bekatu egiten duenarentzat daukazu Jainkoa handi, zabal, franko, liberal; eta bekaturik egin gabe, prestuki bizitzen denarentzat estimatzen duzu dela hertsi, mehar, eskas eta zikoitz. Guztietan zabiltza eta gabiltza nahasiak, errebelatuak eta huts eginak. 5 Ez huts egiteko, behar bezala esperantza eta konfiantza izateko, zer egin behar da? Ihardesten du errege Dabidek (Sal 4:6): –Sacrificate sacrificium iustitiae et sperate in Domino. Esan nahi du: –Egizue ongi; ahalez, obra onetan enplega zaitezte, eta gero orduan euzue Jauna baitan esperantza. Zeren bestelako esperantzak deus gutxi balio du. Egun batez etorri zitzaizkion frai Gil santuari kardinal batzuk bisitatzera. Eta bere bisita bukaturik, abiatzerakoan, esan zioten, arren, egin ziezaiola Jainkoari haietaz otoitz. Ihardetsi zien frai Gilek: –Aitzitik, jaunak, zuek egiozue nitaz. Zeren nik baino zuek sineste eta esperantza gehiago duzue. –Ordea, nolatan ahal dateke hori horrela? –diotsote kardinalek–; zeren gu gabiltza munduan barrena sartuak, aberastasunez beteak, atseginez eta plazerez gainez eginak, eta zu penitentziatan, obra onetan, munduko egitekoetatik kanpoan, eta guztiarekin ere diozu sineste eta esperantza gehiago dugula zuk baino? —Bai –ihardesten die–, zeren zuek bizitzen zareten bezala bizitzen zaretelarik ere, alegeraki, deusen beldur gabe, salbatzeko esperantza eta esportzu handi batekin zabiltzate, baina ni, beldur naizela, ikara dirakidala, zeren bekatore bainaiz. Beraz, honelatan, zuek nik baino esperantza eta sineste gehiago duzue. Ikusiko duzu jende-tailu batzuek, maleziarik eta engainurik baizik ez dutenek, den santuenak baino buruak gogorrago dituztela eta salbatzeko esperantza gehiago dutela; halako moldez ezen, etortzen zarenean halakoekin mintzatzera, esango baitizute ez dezaketela bere esperantza zurearekin truka, ez daukatela inor ere bere buruak baino santuago eta ez prestuago, nornahi den bezain ongi Jainkoari gomendatzen zaizkiola. Eta bitartean belarrietaraino bekatutan barrena sartuak egon. Itsutasunaren handia! Deabruaren engainua! Uste baitute eta uste baituzu, bekatutan zaudelarik, paradisua emango zaizula, miserikordia egingo zaizula. Hori da Jainkoaz eta Jainkoaren miserikordiaz eskarniatzea; hori da esperantza esperantzagabea, konfiantza eroa, gainez egina, soberaniazkoa. Eta ez da, ez, hori konfiantza ere. Baina hori da ausartzia, presuntzioa, nahi eroa eta miserikordia heltzen den baino aitzinago zure desira hedatzea. Are gehiago, hori da Espiritu Santuaren kontra diren bekatuetatik bat. Eta hala, miserikordiaren esperantzan bekatu egiten duenak ez du miserikordiarik merezi, zeren halakoa miserikordiaren beraren kontra baitabil. Hala ematen du aditzera san Basiliok, penitentziaz mintzo dela (Hom. de Poenitentia, 6): –Qui spe poenitentiae male agit, modum habet maleficentiae et poenitentia privatus est. Penitentziaren esperantzan bekatu egiten duenak ez du bide ona hartzen, ez du penitentziarik balia dakion merezi. Eta molde berean esan daiteke miserikordiaren esperantzan bekatu egiten duenaz ere: ez du hark ere miserikordiarik merezi. Nahi badugu gutaz erruki dadin geure Jainkoa, entzun gaitzan, lagun diezagun eta eduki dezan gutaz miserikordia, saia gaitezen gu ere geure aldetik geure eginbidea egiten, bekatuetatik apartatzen eta agindu santuak begiratzen. Zeren halatan bai, baina bestela, bestelako esperantza guztiak ez dira esperantza: alfer dira, erokeriak dira. Beraz, honelatan, ez dugu miserikordiaren esperantzan bekaturik egin behar, eta ez konfiantza hartan penitentzia egitea eta aztura gaiztoak uztea gerorako luzatu behar. Aitzitik, zeren Jainkoa den hain on, bihozbera eta miserikordioso, zeren hain maite gaituen, zeren bekatu egin eta berehala ez gaituen gaztigatzen, zeren itxaroten digun eta, azken finean, zeren hainbat ongi eta ontasun egiten digun, hargatik beragatik ere, hartatik okasio harturik, behar genuke, are bestela egingo genuen baino hobekiago, haren borondatea egiten saiatu; eta zer ere bekatu eta gaiztakeria orainokoan erabili baitugu, haiek guztiak utzirik, prestutasun batean jartzea erabaki; eta halako moldez, tailuz eta suertez aitzinera gobernatu, non azken finean, Jainkoaren miserikordiarekin batean erdiets dezagun guretzat ordenaturik eta prestaturik dagoen bozkarioa, zein baita zeruko loria. XII NOLA GEROTIK GERORA IBILTZEAZ GALTZEN DUGUN DENBORA Gerotik gerora zabiltza. Urte honetan gaizto izanik, datorkeenean onduko eta prestutuko zarela diozu. Bada, biz hala, zuk diozun bezala eta gogoan darabilzun bezala gerta dakizun, eta urte honetan gaizto izanik, zure gero horretan, etorkizunean, prestu zaitezen. Hori horrela balitz ere, non da, bataz, urte honetan egin ahal zenukeen irabazia eta aitzinamendua? Zeren kristau onek urte batez anitz obra on egiten dute eta bai meritu ere erdiesten. Kristau onak urte batez aitzinatzen dira, baina zu nola aitzinatuko zaren ezen gibelatzen zara, anitz bekatu eta gaiztakeria egiten duzula. Eta berriz, bestea, non da halaber bitartean, urte honetan, zure gero horretara hel arterainokoan galtzen duzun denbora? –Fili, conserva tempus. Ene seme, begira ezazu denbora –dio Espiritu Santuak (Si 4:23). Aitzinean duzuno aprobetxa ezazu. Zeren behin joanez gero, ez da bihurtzerik eta ez erdiesterik. –Fronte capillata est, et post occasio calva (Ausonio, Epigramma 33). Okasioa kopetan, belarrean, aitzinaldean iletsu da eta xerlotsu, baina garaitean, gartzetan, gibelaldean motz, soil, garbal, karsoil eta ile gabe. Aitzinean badu nondik lot, baina ez gibelean. Beraz, aitzinean duzuno aprobetxa ezazu. Zeren gibelera ezkero, ez du esku-tokirik eta ez lotzeko girtainik. Bada, okasioa bezala da denbora ere. Beraz, honelatan (Koh 9:10): –Quodcumque potest facere manus tua instanter operare. Quia nec opus, nec ratio, nec sapientia, erit apud inferos quo tu properas. Orain, denbora aitzinean duzuno, egizu ahal dagizuna; eta orain ere, instanter, fite, presenteon. Zeren jakin behar duzu ezen ez dela gero, zuk joan behar duzun leku hartan, arrazoi alegatzerik eta ez jakintasunaz aprobetxatzerik izango. Uzten baduzu, nola ez dakizula, orain eskuen artean duzun denbora iragaten, egin da, galdu da, ez da gehiago bihurtzerik. Hargatik esaten du jondoni Paulok (Ga 6:10): –Dum tempus habemus operemur bonum. Denbora duguno, dagigun ongi. Esan beza Aristotelesek nahi duena denboraz (Physica, IV, 13. k., 9: “Tempus est numerus motus, secundum prius et posterius”), baina gure konturako, denbora da lehen, orain eta gero gauzak ibiltzea, iragatea eta, iragatearekin batean, higatzea eta akabatzea. Denbora beti doa. –Neque quod futurum est meum neque quod fuit –dio Senekak (Naturales Quaestiones, 6. lib.)–. Iragana eta etorkizuna ez dira gure. Joana joan, etorkizuna etorkizun: presentekoa da gure, eta ez besterik. Eta presenteko hau hain da gutxi, ezen esaten baitu san Tomasek (Commentaria in Physicorum Aristotelis lib., 8, 2, 12: 6): –De tempore nihil est accipere in actu, nisi nunc. Denboratik ez dugu deus ere, orain bat baizik, iraute apurra, puntutsu bat, eta ez gehiago. Egia da. Ordea, nola puntutsu honek, orain honek juntatzen eta josten bezala baititu elkarrekin iragana eta etorkizuna, joste honek oroitzen gaitu iraganaz eta etorkizunaz ere, esperantza ematen. Eta halatan, oroitze honekin eta esperantza honekin batean, iragana eta etorkizuna presentekoarekin loturik eta bat eginik, ez zaigu presentekoa hain labur iruditzen, zeren guztiak elkarrekin bezala eta bat balira bezala hartzen baititugu. Hala esaten du Senekak (De brevitate vitae, 15. k., 4): –Longam illi facit vitam, omnium temporum in unum collatio. Ordea, den bezala eta behar den bezala denbora hartzera, aurkituko dugu deus gutxi dela, mehar dela eta labur. Presentekoa goza dezakegu, etorkizunekoa desira, eta iragana lauda edo auhen eta deitora. Iraganak ez du erremediorik: hura joan da. Etorkizunekoa ez dakigu emango zaigunetz. Presentekoa hain da gutxi, labur eta ezdeus, ezen orain ere, bigarren hitza hasi dudaneko, iragan baitateke lehenbizikoa eta lehenbizikoaren denbora. Izan da esan duenik denbora ez dela deus hartaz oroitzapenik eta pentsatzerik ez denean; eta halatan, lo datzanari ez zaiola orduko denbora deus iruditzen, ez duela sentitzen, ez balitz bezala iragaten zaiola, zeren orduan ez baitu hartan pentsatzen eta ez gogorik edukitzen. Urarekin nahi nuke konparatu denbora, zeren denborak eta urak elkarren antz handia baitute. Ura beti doa, bata besteari darraio. Iragana aitzina da, etorkizunekoa gibela dago, eta aitzinekoak aitzinean gutxi irauten du. Ez du inork iragan den uretik hartzen, eta ez etortzeko dagoenetik ere. Aitzinekotik, iragatean, presentean denean behar da harrapatu. Hala da, bada, eta hala egin behar da denboraz ere: presentekoari lot zakizkio, hura aprobetxa ezazu. Zeren bestela, haize ona denean bela egin gabe gelditzen den ontzia bezala geldi zintezke zu ere. 1 Denboratik gauza apurra, orain hau dugu, eta ez besterik. Ordea, nork esango du zenbat balio duen orain honek? Iraute, iraupe eta bitarte ttipi, apur, labur honek? Hainbat balio du, non baldin orain infernuan dagoen bati eman balekio hautatzera ea zein lukeen nahiago bere eskuko, ala mundu hau guztia bere on guztiekin ala oren baten denbora eta bitartea, seguru da ez oren baten denbora, baina are begiak goiti altxatzeko aski lukeen bitartea ere lehen hauta lezakeela, nahiago lukeela eta bai hobeago ere, mundu guztia baino, zeren, denbora apur hura –den apurrena ere– ongi enplegatzen duela, aski bailuke anarterainoko falta guztiak erremediatzeko eta zeruko loria erdiesteko. Esaten da gauza bat preziatua dela, hartatik puska ttipiak bestetatik handiak baino gehiago balio duenean. Eta halatan esaten da gauza preziatua dela urrea. Beraz, zinez da gauza preziatua eta baliotsua denbora, zeren den gutxiena, bihotzezko urrikitze batekin, aski baita salbamendua egiteko. Eta ezpere, galdegiozu bere azken orenean hain laburzki paradisua irabazi zuen ohoinari ea zer irudi duen denboraz, ea gauza estimatzekoa eta ezertan edukitzekoa denetz. Eta hark, frogatuak bezala, esango dizu baietz, ezertan edukitzekoa dela, baliotsua dela, ez duela munduan bere parerik. Hain da gauza handia eta aberatsa orain eskuen artean dugun denboraren orain hau, ezen, purgatorioetako penak mundu honetako pena guztiak elkarri eratxikirik baino handiagoak direlarik, guztiarekin ere esaten baitu doktore batek (Ludolfo Saxoniakoa, Vita Christi, 2. k.,): –Plus valet hic in patientia dies unus, quam in purgatorio annus. Gehiago balio du eta gehiago egiten du orain, hemen, egun batez obra onetan enplegatzeak, gero purgatorioetan urte batez penatzen egoteak baino. Oraingo egunak balioko du orduko urtea. Hala ematen du aditzera Ezekiel profetak (Ez 4:6): –Diem pro anno dedi tibi. Eman nizun eguna urtetzat. Esan nahi du: –Eman dizut eta ematen dizut anitz egun, hain aberatsik, baliotsurik eta prezio handitakorik, non haietatik batek balio baitu eta balioko baitu urte bat, zeren gero urte batez egin daitekeena eta egingo dena egin baitaiteke orain egun batez. Eta arrazoia, zeren gero izango ez dena orain baita merezitzeko eta ontasunean aitzinatzeko ahala, indarra eta libertatea; eta, halaber, zeren bi pena-suerte baitira (ikus Dionisio Richelieu “Carthusianus”, De iudicio animae, 15. k.): Bata da poena inflicta, bestek ematen diguna, bestetatik heldu zaiguna, nola baita purgatorioetako pena, eritasun batekoa. Bestea da poena assumpta, geuk geure borondatez hartzen duguna, nola baita egiten dugun penitentzia, barautzea, oraziotan egotea, erromerian ibiltzea. Eta pena hark, geuk geure borondatez hartzen dugunak eramaten dio aitzinaldea beste penari, bestek ematen digunari, pazienteki errezibitua izanagatik ere. Zeren purgatorioetan dagoenak nahi luke handik libratu, eta bai eriak ere sendatu. Baina orain geuk geure borondatez egiten dugun penitentzia eta hartzen dugun pena alde guztiz da borondatezkoa, baliotsua eta Jainkoari eder zaiona. Eta halatan, honek eramaten die purgatorioetako penari eta eritasunekoari ere urreak beste diru guztiei eramaten dien abantaila. Zeren Jainkoak behatzen badu ere iragaten dugun penara, ordea, areago behatzen du hartako borondatera. Beraz, orain pena, orain barau, zilizioa har. Zeren oraingo pena ttipiak, geuk libreki geure borondatez hartzen dugunak, gehiago balioko du purgatorioetako edo eritasuneko pena handiak baino. Eta hala, badirudi ezen purgatorioetan daudenek ez dutela deusez ere hainbat damu eta atsekabe izango nola denbora galduaz, gaizki enplegatuaz eta bere buruak –bere borondatez apur bat, bederen– ez penatuaz. Arrazoirekin esaten du san Krisostomok (57. hom., Joan 9): –Neque intelligis omnia potius esse amittenda quam tempus. Aurum amittis, potest recuperari; amissum tempus difficulter. Ez duzu aditzen beste gauza guztiak lehen utzi behar direla galtzera, denbora baino? Zeren urrea eta zilarra berreskura daitezke, galduagatik, baina ez denbora. 2 –Nihil praetiosius tempore et heu nihil eo vilius invenitur –dio san Bernardok (Flores seu sententiae)–. Ez da munduan gauza preziatuagorik denbora baino; ordea, ai, ez da egungo egunean gauza ezdeusagorik edireten! Ez dugu deusez ere hain kontu gutxi egiten, nola denboraz. –Quem mihi dabis qui aliquod praetium tempori ponat, qui diem aestimet? Nor emango didazu —galdegiten du Senekak (Epist. ad Lucilium, 1, 2)— denborari prezioa jartzen dionik? Eguna merezi bezala estimatzen duenik? Fitsaren berdin, ezdeusen pare daukagu denbora. Badirudi trabatzen gaituela anitzetan ere; ez bagenu, nahi genukeela; ez jakinez zertan iragan gabiltzala; oren batean garenean, bigarrenean bagina desiratzen dugula. Esan behar da aberats garela munduan den gauzarik aberatsena eta baliotsuena hain frankoki darabilgunean. Bada, ala zuk eta nik ere, denboraren galtze honetaz, probetxu gabe iragatera uzteaz kontu hertsia eman beharko baitiogu Jainkoari! Hiru moldez esan daiteke galtzen dela denbora. Lehenbizikoa, bekatu egiteaz eta bekatutan egoteaz. Bekatu egiten ari zarela eta, eginez gero, haietan zaudela iragaten zaizun denbora emazu galdutzat. Denbora hark ez du deus balio zuretzat. Aitzitik, hartan zeure arima eta arimako on guztiak, eta eskuarki gorputzekoak ere, galtzen dituzu; ura behera bezala igortzen dituzu. Denbora hura da denborarik galduena eta galgarriena. Bigarrena, galtzen da denbora gogoeta ero, bano, deus balio ez duten batzuetan egoteaz. Zerori bakarrik, alfer, aise, egitekorik gabe, ongi jana eta hobeki edana zaudenean eta, guztiz ere, ohean loz aserik, ardurarik gabe zautzanean, egiten duzu zeure baitan barrena mila pentsu eta gogoeta, mila dorre eta gaztelu. Egiten zara aita santu, egiten zara errege, aberasten zara, egiten duzu anitz balentria. Etortzen zaizu joko eder bat, irabazten duzu. Azken batean, erabiltzen dituzu zeure gogoan hala balira nahi zenukeen gauza batzuk. Eta sekulan hala izango ez badira ere, eta ez direla izango badakizu ere, guztiarekin ere, hala pentsatzeaz beraz ere, gogoeta ero haietan egoteaz atsegin hartzen duzu. Eta bitartean ez duzu kontsideratzen zuk handik ateratzen duzun probetxua denbora galtzea dela, eta ez besterik. Hirugarrena, galtzen da denbora gorputzaren plazeretan ibiltzeaz. Esaten duzu: –Dezagun denbora iragan; gaitezen joka, gaitezen dantza eta dosta. Eta ez zaizu gogoratzen bitartean denbora galtzen duzula. Bada, esaten du san Bernardok (Meditationes, 6. k., 18): –Omne tempus in quo de Deo non cogitas, hoc te computes perdidisse. Jainkoa baitan pentsatzen ez duzula iragan zaizun denbora guztia, egizu kontu galdu duzula. Hala esaten du san Jeronimok ere (13. ep., Virginitatis laus, 16): –Omne tempus in quo meliorasse non senseris, aestima perdidisse. Hobetu zarenetz sentitu gabe eta ontasunen bat egin gabe iragaten zaizun denbora estima ezazu galdu duzula. Ez da aski gaizkirik ez egitea; ez da aski ez gaiztotzea; baina ondu behar da, eta ongi egin behar da. Ez aitzinatzea gibelatzea da, zeren bitartean beste kalterik ez bada ere, denbora galtzen eta aprobetxatu gabe iragaten baita. Kontu egizu ezen orain dituzula berrogei urte. Eta egizu, halaber, kontu eta gogoeta zenbat ongi eta obra on egin dituzun berrogei urte horietan. Eta aurkituko duzu, baldin zin-zinez, finki eta debotoki maneiatu eta enplegatu bazina, berrogei urte horietan egin dituzun ongiak, ontasunak eta obra guztiak egin zenituzkeela urte batez. Beraz, honelatan galdu dituzu beste urte guztiak: berrogeietatik hogei eta hemeretziak. Zer kontu emango duzu, bada, urte galdu haietaz? Hitz alfer guztiez eman behar da kontu; zer izango da, bada, hainbat denbora galduz eta alfer iraganez? Arrazoirekin esaten du Jeremias profetak (Nk 1:15): –Vocavit adversum me tempus. Deitu zuen ene kontra denbora. Denborak berak, guk galtzen dugunak akusatzen gaitu; hura bera jaikitzen da gure kontra. –Omnia mi Lucile aliena sunt, tempus autem nostrum est –dio Senekak (Epist. ad Lucilium, 1, 3)–. Beste gauza guztiak besterenak dira, baina ez denbora. Hura gurea da. Orain eskuen artean dugun denbora prestatzen digu geure Jaungoikoak, uzten digu geure eskuko. Eta nahi du aprobetxa dezagun, obra onetan enplega dezagun. Eta hala enplegaturik ere, eskatuko digu kontu: baldin meza entzun badugu, ea ongi eta hartan pentsatzen dugula entzun dugunetz; baldin barautu bagara, oraziotan egon bagara, pobreari limosna eman badiogu –hauek obra onak baitira–, hauetaz guztioz eskatuko digu kontu, ea edergailu, munduagatik ala Jainkoagatik eta intentzio onez, banaloriarik gabe egin ditugunetz. Hala esaten du profeta Dabidek Jainkoaren partez mintzo dela (Sal 74:3): –Cum accepero tempus, ego iustitias iudicabo. Denbora neuregana dezadanean, heriotzako orenean, hain estuki eskatuko dut kontu, non obra onak ere ea ongi, justuki eta behar bezala eginak direnetz etsaminatuko eta juzgatuko baititut. Obra onak ere, baldin ongi eta intentzio onez eginak ez badira, gaiztotzat emanik kondenatuko ditu Jainkoak. 3 Baldin presenteko denbora hau, orain eskuen artean duguna, enplegatzen ez badugu ongi, arrisku da ken dakigun etorkizunekoa. Eta, alabaina, hau da gure erokeria edo itsutasuna, uste baitugu, geure lehengoa gaizki enplegatu guztiarekin ere, aitzinera ere orobat emango zaigula denbora. Baldin merkatari batek eman baliezaio bere semeari diru suma bat bere eskuko, maneia lezan, enplega lezan, tratuan eta merkatalgoan erabil lezan, eta halatan, tratua ikasirik, berak bere buruz zerbait irabaz lezan; ordea, baldin seme hark bere aitaren eman haiek guztiak jokoan, jan-edanean eta arlotekerian gasta balitza, arrazoirekin litzateke seme hura beldur ez liezaion bere aitak aitzinera gehiago eman eta ez fida. Eta, are, lehen emanak ere ken liezazkion. Hala, bada, arrazoirekin izango gara gu ere beldur ken diezagun geure Jaungoikoak etorkizuneko denbora, iragana hain gaizki enplegatu dugunez geroztik. Hala, Noeren denboran, ehun eta hogei urte bizitzeko prometatuz gero, kendu zizkien azkeneko hogeiak, zeren lehengo ehunak gaizki enplegatu baitzituzten. Hau ematen du aditzera errege Dabidek ere esaten duenean (Sal 54:24): –Viri sanguinum et dolosi non dimidiabunt dies suos. Gizon gaizto, odol-isurle, gerlati, maleziatsu eta engainatzaileek ez dituzte bere egunak erdizkatuko; ez dira halakoak bestela biziko zirenaren erdia biziko. Batzuk bere gazte denboran, odola bero dutenean, bizi dira Jainkorik, heriotzarik edo kontu errendatzerik ez balitz bezala, libertate handian, mila bekatu, malezia eta engainu egiten dutela, gorputzari ahal bezainbat plazer ematen diotela. Baina gero, zahartzean, odola hozten hasten zaienean, hasten dira halaber etorkizunaz oroitzen, hil behar dutela eta hil ondoan kontu errendatu behar dutela ohartzen eta pentsatzen. Eta handik aurrera, hala bere buruei ohartuz gero, itzultzen dute plama eta orria beste aldera, eta lehen gaizto bezain egiten dira gero on eta prestu. Halakoek dimidiant dies suos, bere egunak erdizkatzen dituzte, bi erdi egiten dituzte, zeren erdi bata, gaztetasuna, gaizki enplegatu bazuten ere, beste erdia, zahartzea, ongi bukatu baitzuten. Eta hau da azkenekoz ongi erdizkatzea, gaiztoa utzirik ona hartzea, jondoni Paulo batek bezala egitea. Baina, berriz, beste batzuk gaztean dira on, prestu eta deboziotsu, eta zahartzean gaizto eta maleziatsu. Hastean on eta bukatzean gaizto, Judas izan zen bezala. Halakoek dimidiant dies suos, erdizkatzen dituzte bere egunak, bi erdi egiten dituzte, zeren zahartzean gaizto badira ere, gaztean on izan baitziren. Ordea, hura da gaizki eta gaiztoki egunak erdizkatzea, zeren onetik gaiztora aldatzen baitira. Eta hainbatik hainbatean, gaiztoago eta arriskutsuago da zahartzean gaizto izatea, gaztean baino. Baina finean, berriz, beste batzuek non dimidiant dies suos, ez dituzte inoiz ere erdizkatzen bere egunak, zeren hala zahartzean nola gaztean arrunt baitira bat, betiere baitira maleziaz eta gaiztakeriaz orobat. Eta halako haiek ikusten dutenean bere egunak laburtu hurran zaizkiela, heriotzara hurbiltzen direla, kontu eman behar dutela, orduan, pagatzaile gaiztoek egiten dutena, eskatuko dute epe eta luzapen gehiago: In die redditionis postulabit tempus (Si 29:6). Ordea, nola iraganaz kontu txarra eman baitukete, ez dira entzunak izango, ez zaie haien promesei sinesterik emango, ez da haien esanetan inor gehiago fidatuko. Hala esan zuen Aingeruak ere, gainekoaz zin eginik, ez zela izango gehiago denborarik, bukatuko zirela geroko gero guztiak (Ap 10:6): –Iuravit per viventem in saecula, quia non erit tempus. Egin dezakegu nahi bezainbat edo ahal bezainbat saio eta itzulinguru, baina, azkenean ere, ezin ihesik egin dezakegun denborara eta puntura herstu eta bildu beharko dugu. Hala kontatzen du san Gregoriok (Dialogi, 4, 38: 11), ezen Krisaorio zeritzan gizon gaizto batek, bere azken orenera zenean, munduan egin zitzakeen otoitz guztiak eginagatik ezin erdietsi zuela biharamuneko luzapena: –Coepit magnis vocibus clamare, inducias vel usque mane, inducias vel usque mane: sed cum clamaret, in istis suis vocibus, de habitaculo suae carnis evulsus est. Herstu zenean, nahi zukeen apur bat luzatu, nahi zukeen biharamun arterainoko denbora irabazi; anitz hitz eder ahotik atera zuen, anitz otoitz eta oihu egin zuen; anitzetan egun baten tregoa, epea eta espazioa eskatu zuen. Baina guztiak alferrik. Oihuz eta otoitzez zegoela, bere egunak bukatu zitzaizkion, arimak egin zion eta sekulako kondenatu zen. 4 Beraz, honelatan, batere sentimendurik badugu, ez dugu gerotik gerora ibili behar, ez dugu aitzinera gehiago denborarik galdu behar. Aitzitik, lehen galdu duguna behar dugu orain berreskuratu eta erremediatu. Ordea, nola edo zer moldez erremedia daiteke eta berreskura? Zeren joana joan da, ez da haren bihurtzerik eta ez eskuetaratzerik. Ihardesten du san Gregoriok hitz gutxiz eta laburzki (Moralia, V, 39. k., 70): –Tempus redimimus, quando ante actam vitam, quam lasciviendo perdidimus, flendo reparamus. Denbora iragana erreskatatzen eta geuretakotzen dugu noiz eta bizitza gaizto iragana, irriz eta plazerez galdu genuena, negarrez eta atsekabez berreskuratzen eta erreparatzen baitugu. Esan nahi du: –Denbora iragana, gaizki enplegatu genuena, eskuetatik joan zitzaiguna erdiesten dugu orduko plazeren ordain orain atsekabe dobleak hartzen ditugunean, orduan egin behar genituen ongiak eta orain egin behar ditugunak orain egiten ditugunean. Hau da san Tomasek ere, satisfazioaz mintzo dela, esaten duena (Super Sententiis, 4, 15, 1, 2: 3): –Quamvis homo non possit tempus praeteritum recuperare, potest tamen recompensare illud quod in praeterito fecisse debuisset. Gizonak denbora iragana ezin berreskura badezake ere eta ez bihur, ordea erremedia dezake iraganeko falta, iraganean egin behar zuen ongia egiten duela etorkizunean. Baldin iraganean meza bat entzun behar bazenuen, eta ez hura entzun, konfesa hartako bekatua, eta gero etorkizunean dobla: entzun bi. Baldin iraganean egun batez barautu behar bazenuen eta ez barautu, lehenik konfesa hartako bekatua eta gero etorkizunean dobla: barau bi egunez. Halatan, denbora iragan gaizki enplegatua, egin daitekeen moldean erreskatatzen, berreskuratzen eta erremediatzen da. Bi orenen bidea iragateko duzunean, eta oren haietatik bata alferkerian, jan-edanean eta arlotekerian iragan duzunean, zer erremedio zeure bidea mugaz eta ilundu gabe erdiesteko? Gertatu zaizun falta estaltzeko? Zer? Gelditzen zaizun oren hartan, hain zinez eta laster abiatzen zara, non bi orenen bidea batez egiten baituzu, eta halatan erremediatzen eta estaltzen zeure lehengo falta eta alferkeria. Bada, molde honetan berean guk geure denbora, honainokoan alferkerian eta gaiztakerian gaizki enplegatu duguna orain ontasunean doblatuz eta laster eginez behar dugu eskuratu eta erdietsi. Hala esaten da ardiak ere arratsaldean azkarrago janez bere goizeko gutxi jana erdiesten duela. Halatan, mahastiaren jabeak ere arratsaldean lan egiten hasi zirenei eman zien hainbat jornal eta alokairu nola goizetik lan egin zutenei, zeren arratsaldean hasi zirenak hain zinez eta gogotik ari izan ziren, non haiek, denbora gutxiz, bestek anitzez bezainbat egin baitzuten. Bada, hau berau egin behar dugu guk ere orain, arratsaldeon, zahartzeon, geure egunon amaitzeon, orain baitakusagu ezen ja adinaren arauz heriotzako portura hurbiltzen garela, hemengoaz egin hurran dugula. Orain, bada, orain behar dugu bermatu; orain behar diegu eskuei eragin. Orain nori berea errenda, orain etsaigotik atera. Orain etorkizunean pentsa. Orain, zin-zinez, bihotzezko urrikitze batekin eta gehiago ez egiteko borondatearekin, aitzinetik kontzientzia ongi iratiorik eta etsaminaturik, osoki eta egiazki konfesa. Konfesatu ondoan, lehengo okasioetatik aparta, ez gehiago haietara eta ez beste halakoetara itzul. Halatan, denbora iragana, hain gauza handia eta baliotsua, gerotik gerora ibiltzeaz galdu duguna, erremedia daitekeen moldean erremediatuko, berreskuratuko eta erdietsiko dugu. XIII GAZTETIK ZAHARTZERA PENITENTZIA LUZATZEN DUENAZ Esaten du Espiritu Santuak (Koh 12:1): –Memento Creatoris tui in diebus iuventutis tuae, antequam veniat tempus afflictionis tuae et appropinquent anni de quibus dicas, non mihi placent. Oroit zaitez zeure Jaungoikoaz zeure gazte denboran, zahartzeko penetara baino lehen eta hurbildu gabe urte haiek, zeinengatik, datozenean, esango baituzu: “ez dira ene gogarako”. Gazte zareno, ahala eta indarra duzuno, trabaila zaitez, orduan eskuei eragiezu. Zeren zahartuz gero, zahartzeak berak emango dizu egitekorik asko. Hainbatik hainbatean, ederrago zaizkio Jainkoari gaztetasuneko obra onak zahartasunekoak baino, zeren gaztetasunekoak bere egitez hobeago eta ederrago baitira. Agintzen zuen Jainkoak Lege Zaharrean fruitu guztietatik primizia eman ziezaiotela, guztietatik parte bat eta parterik hoberena, garrantzizkoena eta estimatuena –nola arrunki ohi baita lehenbizikoa– eskain ziezaiotela. Agintzen zuen halaber Jainkoak berak usoetatik, ez uso handiak, baina usakumeak ekar ziezazkiotela (Lb 1:14). Gazteak nahi zituen, eta ez zaharrak; zeren usoak zenbatenaz gazteago, hainbatenaz dira hobeago, gozoago eta zaporetsuago. Hala dira, bada, halaber gaztetasuneko obra onak ere zahartasunekoak baino gaiago eta baliotsuago. Eta halatan da gure Jainkoa ere haietatik gutiziatsuago, gogotsuago eta zaleago. Hala esaten du Mikeas profetaren zazpigarren kapituluan (Mi 7:1): –Praecocas ficus desideravit anima mea. Goiz ontzen diren pikuak desiratzen zituen ene arimak. Pertsona gazteen lehenbiziko obra on haiek nahi nituzke; haietatik naiz zale eta gura, haiek zaizkit on, gozo eta ezti. Hargatik da teologoen esana gizona adimenera heltzen den bezain sarri, puntu berean, obligatua dela bihotza Jainkoagana altxatzera, haren aginduak konplitzeko gogo hartzera eta arrazoi naturalaren arabera bederen bizitzera. Pintatzaile batek egin baleza imajina eder bat alde guztiz konplitua eta abantailatua, imajina hark, baldin ezagutzarik balu, nori lehenik behatu behar ote liezaioke? Seguru da pintatzaileari berari, bere egileari. Beraz, honelatan, gizonak ere, Jainkoak berak bere imajinara eta irudira hain ederki egina denez gero, adimenera heltzen den bezain fite bere egileari berari, irudia eman dionari behar dio behatu, haren zerbitzuan behar du bere ahala enplegatu. Honen arabera esaten du jondoni Paulok (2Tm 2:6): –Laborantem agricolam, oportet primum, de fructibus accipere. Arrazoi da lan egiten duen laborariak berak lehenik bere fruituetatik dasta dezan. Eta jondoni Paulok berak dioen bezala (1Ko 3:9), –Dei agricultura estis. Zuek zarete –eta gu gara– Jainkoaren laboraritasuna. Gu gara Jainkoaren lur landua, apaindua eta trabailatua. Arrazoi izango da, beraz, halaber Jainkoak berak, laborari onak bezala, bere trabailua lehenik goza dezan eta, adimenera edo entelegura heltzen garen puntu beretik, gure obren primizia eta lehena dasta dezan. Baina ai! ai! eta milatan ai! Non da bere lehen fruitutik, bere obren hastetik Jainkoari dastarazten dionik? Non da kristau goiztiarrik? Goiz ontzen denik? Gaztedanik Jainkoa zerbitzatzen duenik? –Vae mihi quia factus sum sicut qui colligit in autumno racemos vindemiae, non est botrus ad comedendum. Ai! Ene errukarria! –dio Mikeas profetak (Mi 7:1)–. Zeren ni egin naiz udaren amaieran, besteren bil ondoan mahats hondar-mondarren bila dabilena bezala. Hoberenak bestek eraman ditu. Ez didate morkoxta bat ere, eta ez pikor bat, ahoan eman daitekeenik utzi. Bada, hau berau esan dezake gure Jaungoikoak ere. Zeren gure gaztetasuna bestek eramaten du, lehenbiziko obrak bestek biltzen ditu. Deus gelditzen bazaio ere, bil-ondoak, hondarrak, zahartzekoak gelditzen zaizkio. Eta gaiztoeneko kontuan, a! haiek ere, edo haiek bederen, geldi balekizkio! 1 Badirudi ezen desohore eta laido zaiela oraingo pertsona gazteei prestuki bizitzea eta bekaturik egin gabe egotea. Bere eginbidea, Jainkoari zor dioten zerbitzua, gerorako, zahartzerako ordenatzen dute, esaten dutela: –Berdin oraino ez da hiltzeko arriskurik; sendo naiz, gazte naiz, eta gazteak gazte antzu, gazte bezala behar du bizi eta gobernatu. Zer esango luke munduak berak ere baldin oraindanik parti banenkio? Hor heldu da zahartasuna, denbora pausatua, umoa, erokeriak uztekoa. Orduan bai, orduan onduko naiz, orduan munduari gibela emango diot eta debozioan sartuko naiz. Baina anarterainokoan, dezadan atsegin har, dezadan mundua zerbitza; nakion goza, nakion behin, berriz bihurtzeko desirarik ez dukedan bezala, ase eta asper. Hau da oraingo pertsona gazteen deliberamendua, hau da haien gogoa; eta hau da, adinean bezala, gainerakoan ere gazte izatea eta, azken finean, fin gaitz egiteko arriskuan jartzea. Baldin bazina esperantzatan hemendik urte baten buruan erdiesteko jaun handi batengandik zenbait kargu edo errenta, ez litzateke erokeria handia bitartean, anarterainoko denboran, jaun haren kontra ibiltzea? Bada, are da handiagoa zuk egiten duzun erokeria. Zeren zuk nahi duzu hemendik urte baten buruan –edo gehiagoren: zeure zahartzean– ondu; zuk nahi duzu orduan Jainkoarekin adiskidetu eta harengandik anitz fabore eta grazia erdietsi, eta, alabaina, bitartean, anarterainoko denbora guztian, zeure gaztetasunean, Jainko haren kontra zabiltza, harekin etsai zara, eta, etsai bezala, anitz bidegabe egiten diozula bizi zara. A! Zer bidea eta moldea, zer lausengua eta balakua harengandik zahartzean laguntza izateko nahi duzuna erdiesteko! Zahartzean anitz balioko duenak gaztetik behar du ezagun eta ageri. Fruiturik izango duen zuhaitzak aitzinetik behar du loratu. Doktore handi izango denak haurdanik behar du eskolatu. Gaztean armarik ukitu ez duena, zahartzean nola kapitainduko da? –Quae in iuventute non congregasti, quomodo in senectute invenies? (Si 25:5). Gaztean bildu ez duzuna, nola edirenen duzu zahartzean? Gaztean luzaro gaizto izan dena, nola kolpe batez eta laburzki onduko da zahartzean? Zeren, besteak beste direla –lehen esan den bezala–, gaztetako ohiturak jarraiki ohi zaizkio inori zahartzean ere, eta are, orduan kargatzenago, jauntzenago eta lehiatzenago zaizkio. Bada, badirudi ezen Deabrua ere orduan bermatzenago dela. Hala ematen du aditzera jondoni Joanes ebanjelariak, esaten duenean aditu zuela zerutik mintzo bat, zioela (Ap 12:12): –Vae terrae et mari, quia descendit ad vos diabolus, habens iram magnam, sciens quia modicum tempus habet. Begira ezazue, lurra eta itsasoa! Gaizki doa zuentzat, zeren jaitsi da Deabrua zuetara kolera handian, jakinik ezen denbora gutxi duela. Guztiak tentatzen ditu Deabruak, baina zinkienik eta finkienik zaharrak. Zeren nola haiek luzeenaz ere ezin anitz iraun baitezakete, denbora gutxi baitute, bukatu hurran baitzaie, eta bukatze hartan baitago sekulako ongi edo gaizki izateko puntua eta gorabehera, halatan Deabruak ere bukatze hartan eskuei eragiten die, orduan bere artea, antzea, maina eta ahal guztia enplegatzen du; orduan zakukoak ateratzen ditu, dakizkien jokoak jokatzen ditu. Eta ikusirik denbora gutxi duela tentatzeko, gutxi hari ahal dagien guztia baliarazten dio. Beraz, honelatan, arrisku handian jarri nahi du zahartzeraino bekatutan egon gogo duenak. Zeren –arrazoi hau ere eman dezadan– zer izango da, anitzi gertatzen zaiona, zahartu ustea zahartu gabe, bere adinik hoberenean, hiltzen bada? Eta hiltzen ez bada ere, zer egin dezake zahartzean, adin ahul hartan? Eta orduko ongi egitea, zer balia dakioke? Izugarri da san Basiliok puntu honen gainean esaten duena (De Moribus orationes, IV: De Poenitentia): –Temperantia in senecta non est temperantia, sed potius incontinentiae quaedam impotentia. Zahartasuneko pairua eta pairatzea ezina da, eta ez pairua eta ez pairatzea; indarra eskastea da, ahala faltatzea, ezin eginez egotea, bortxaz gelditzea, adinak uko egitea, egin nahia ezin egina, bekatuak berak aitzintzea; ez guk bekatuak, baina bekatuak gu uztea. Eritasunean gutxi jatea ez da gutxi jate, orduko barautzea ez da barautze, zeren balitz apetiturik, bada borondate. Hala da, bada, eskuarki zahartzeko pairamendua, begiramendua eta bekatuetatik barautzea ere: ezinezkoa da, eta ez borondatezkoa. Honen arabera esaten du san Krisostomok ere (50. hom., Mateo 14): –Qui modestus est in senectute, cum aetate plurimum iubetur, non magnam suae modestiae mercedem arbitror habiturum. Ez dut uste pertsona zaharrak probetxu anitz izango duela bere zahartzean onest, modest, pausatu eta sosegatu izateaz, zeren adinak bera hartara laguntzen baitio, adinak berak hartaratzen baitu; nahiago badu ere, ezin egin baitezake bestela. Zer esker uste duzu izango duela edo irabazi egingo duela zahar ezinduak etsaiari bidera armaturik ez ateratzeaz? Arratsean etxera goiz biltzeaz eta bihurtzeaz? Amodiotara gaztean bezala ez joateaz? Dantzan eta jauzian ez ibiltzeaz? Puntu honen gainean ere, beste guztietan bezala, ederki esaten du san Agustinek (Ad fratres in eremo, 16. serm. ): –Sed quidam sunt, fratres mei, qui in iuventute sua luxuriose vivere volunt, et si ad senectutem pervenerint, gloriantur, dicentes se continentes esse. Tunc enim eligunt servire castitati, quando libido eos servos habere contemnit. Numquid tales continentes dicendi sunt? Absit. Tales enim praemium non habebunt, quia laboris certamen non habuerunt. Batzuek nahi dute bere gazte-denboran bizi bere gogara, anitz bekatu eta desordenu, guztiz ere emakumeekin, egiten dutela. Eta gero, baldin zahartzen badira, loriatzen dira, esaten dutela: “Gu jende kastoak, zintzoak, garbiak, pausatuak eta begiratuak gara; ez dugu, Jainkoari esker, desoneskeriarik akometatzen eta ez emakumeetako bekaturik egiten”. Ordea, nolatan ez duzue egiten? Ezin egin baitezakezue. Beraz, ezinari esker, eta ez zuen borondateari. Orain uste duzue zuek ezen jende garbiak, zintzoak eta kastoak zaretela, eta kastitate horrengatik Jainkoaren aitzinean pagamendu handia izango duzuela. Baina engainatzen zarete. Zeren pagamendua izango duenak utzi behar du bekatua bekatu egin dezakeen denboran, eta hartu bertutea orduan berean. Zeren san Krisostomok dioen bezala (10. hom., Mateo 3): –Neque enim omnis prorsus aetas omnibus vitiis est opportuna. Ez dira, ez, adin guztiak bekatu-suerte guztietarako on eta ez gai. Ez dagokio zahartasunari maitakeria, eta ez eskuarki gaztetasunari abarizia. Badituzte gauza guztiek bere sasoiak, trenpuak eta denborak. Bada ereiteko denbora eta bai biltzekoa ere. Eta ero handia da bildu behar den denboran eta mugan ereitera doana. Gaztean behar da erein eta trabailatu, eta zahartzean bildu, gozatu eta pausatu. –Fin gaitz egingo duk, txoria, baldin gaztedanik ez badagik habia –dio errefrauak. Zuk nahi baduzu gaztean alfer egon eta gero zahartzean trabailatu eta obra onak egiten hasi, hori da ordenantza haustea, sasoirik ez begiratzea, bildu behar denean eta pausatu behar denean trabailuari lotzea. Ordenantza hobea begiratzen dute erleek bere artean. Erle gazteak, gazte direno, kanpoan dabiltza, lan egiten dute. Baina zahartuz gero, etxean daude, erlauntzean daude. Ez dira bere plazerera baizik handik ateratzen, han pausatzen dira. Zeren zahartzea hartarako, pausatzeko, ordenatua da. 2 Egia da: Jainkoak prometatzen dio bere bekatuen barkamena noiznahi den, zahartzean ere, penitentzia egiten duenari. Ez, ordea, ez dio inori penitentzia egiteko biharamunik prometatzen eta ez hartarako segurantzarik ematen. Hala esaten du san Agustinek (Enarratio. in Psalmos [2]. 101, 1, 10; 16. serm., De verbis Domini): –Indulgentiam peccatorum promisit Deus, sed crastinum diem quo poeniteas non promisit. Zahartzean penitentzia egiten baduzu on da. Ordea, puntua da ea zahartuko zarenetz; eta zahartzen bazara ere, ea zahartze hartan penitentziarik egingo duzunetz. Ea lehengo adin sendoan hasi ez duzuna geroko adin ahulean bukatuko duzunetz. Ea egundaino baino ongi nahiago, adinaren arabera hobeki beharrago eta plazerei ere emanagoa zarenean, zeure burua penatuko duzunetz. Ea orduan lehengo aztura zahar gaiztoak utzirik, aztura berri on batzuk hartuko dituzunetz. Ez dakit. Nik duda egiten dut. Eta nork ez du duda egingo? Zeren sendoak jasaten ez duena, ahulak nola maneiatuko du? Baldin bazenitu bi abere eta bi karga, ez litzateke erokeria kargarik pisuena abererik ahulenari ematea? Hala egiten du, bada, penitentziaren karga zahartzera egozten duenak. Gaztetasuna sendo da, indartsu da; ongi egiteko, lan egiteko eta Jainkoaren zerbitzuan enplegatzeko gai da. Baina zahartzea ahul da, onbehar da; berak du bere buruarekin eta bere burua sostengatzen egitekorik aski. Zaharra ezin barau daiteke, belauniko oraziotan ezin dagoke, erromerian ezin dabilke. Azken batean, zaharrak, bere zahartasuneko eritasunekin eta arrazadurekin, penitentziazko obrarik ezin egin dezake. Nola izango da, bada, orduan bere eginbidea egiteko on eta gai? Gutxi da zahartzean gaztean baino zaluago, arinago eta jauzkari handiago. Elefanteak –animalia handi bat baita– bere gazte denboran belaunak eta gainerako beste junturak zalu ditu, errazki doblatzen eta plegatzen ditu, baina zahartzean gogortzen eta osatzen zaizkio, halako moldez non, baldin orduan eror edo etzan badadi, ezin jaiki baitaiteke. Eta halatan, hartara ezkero, bere naturak berak hala erakutsirik, zuhaitzen kontra, haiek sostengu harturik, zutik dagoela, bere loa ere egiten du. Bada, elefante zaharraren eta gaztearen artean aurkitzen den diferentzia aurkitzen da pertsona zaharraren eta gaztearen artean ere: gaztea zalu eta maneiukor bezain da zaharra gogor eta zurrun. 3 Baina honelako diferentziarik ez balitz ere, ez da zahartzeko begira egon behar. Zeren zahar arterainoko denbora hartan ere, gazte zarenean ere bezala, anitz ongi eta ontasun egiten dizu zeure Jaungoikoak, hazten, mantenatzen eta bizirik edukitzen zaitu. Ez litzateke, bada, arrazoi, zuk ere bitarte hartan, zeure gazte-denboran, ontasunak errezibitzen dituzunean, eskerrak errenda zeniezazkion, zerbitza zenezan, lauda eta ohora zenezan? Zuri Jainkoak beti egiten dizu ongi; zergatik, bada, zuk ere ez diozu betiere ezagutza egingo eta esker emango? Zurekiko franko da eta liberal Jainkoa; nolatan, bada, zara zu hain eskas eta hertsi, zeure gaztetasuna –adinik hoberena– soberetsirik, gaiztoena, hondarra, zahartzea eman nahi baitiozu? Gainak, bikainak eta hautuak besteren, hondarrak eta arbuioak Jainkoaren. –Non enim tantum minimum in fundo, sed pessimum –dio Senekak (Epist. ad Lucilium, 1, 5). Gauza hondartuz gero, gutxitzen da eta gaiztotzen. Hondarra gutxi da, eta gutxi hura ere gaizto. Lorea, irina, hoberena, gaztetasuna eramaten du etsai gaiztoak, eta gero nahi duzu kontenta dadin Jainkoa zahiaz eta zahartzeko hondarraz. Arranguratzen zen Jainkoa, zeren animalia itsuak, mainguak, eriak eta hebainak eskaintzen zizkioten (Ml 1:8). Beraz, arrazoirekin arranguratuko da zutaz ere, zeren zahartzea baita itsu, eri, maingu, hebain, eta zuk hura eskaini nahi baitiozu. Zahartzean begietako bista laburtzen da, belarrietan gorreria egiten da, belaunetan hezueria jartzen da, indarra gutxitzen da, apetitua galtzen da, loa joaten da, ikara etortzen da, larrua zimurtzen da, ilea urdintzen da, burua karsoiltzen da, hatsa kirasten da. Azken buruan, pertsona zaharra hozberatzen, minberatzen, irudikortzen, haserrekortzen da, eta alde guztiz onbehartzen eta errukarri egiten da, hain errukarri non, baldin inon ere gorputzak narriorik, arrazadurarik edo falta estalirik baldin badu, orduan guztiak agertuko baitira. Zertarako du, beraz, Jainkoak halakoa? Munduak eta mundukoek beretzat on ez daukatena, bere artean ikusi nahi ez dutena eta konpainietan ere narda zaiena nahi duzu zuk har dezan Jainkoak bere gonbidatu, maita dezan, besarka dezan? Bere konpainian eta lorian errezibi dezan? Hoberena behar duenari eta onik baizik hartzen ez duenari nahi zenioke zuk gaiztoena bulkatu? Eta gaizto hura, zahar, itsu, maingu, hebain, eri hura har baleza ere Jainko miserikordiosoak, ez litzateke, ez, guztiarekin ere halakoa egiteko gabe. Zeren non da bekatuagatik egin behar den deskargua eta pagamendua? Nolatan zahartzean, hain denbora laburrean eta adin ahulean eta herbalean ordainduko eta kitatuko du hainbat bekaturen zorra eta obligazioa? Hargatik esaten du san Agustinek (De vera et falsa poenitentia, 18. k.): –Qui sero poenitet, non evadet ignem purgatorii. Beranduraino penitentziarik egiten ez duenak, zahartzeraino Jainkoagana itzultzen ez denak arrisku du, hoberenaz ere, purgatorioetan luzaro egon beharko duen, hara gabe eskapatuko ez den, lehenbiziko urtean zamarrik edo arropa forraturik beharko ez duen. Zeren Klimako santuak dioen bezala, balentria handia da egunean eguneko deskargua egitea (Scala Paradisi, 8. k.). Eta badio san Mateok ere (Mt 6:34): –Sufficit diei malitia sua. Egunak berak du bere buruarekin egitekorik aski. Nola nahi dituzu, bada, zuk hainbat egunetako eta denboratako –gaztetasun guztiko– bekatuak, zorrak eta egitekoak elkargana bildu eta guztiak zahar-denborarako begiratu eta eduki? Ez dakusazu zahartzeko maneiua maneiu apurra dela? Eta adin hark bere denboran egiten dituen faltak ere erremediatzen egitekorik asko izango duela? Beraz, honelatan, gaztedanik behar da Jainkoa zerbitzatu, penitentziatan enplegatu, bekatuetatik apartatu, eta ez gerotik gerora, gaztetik zahartzera luzatu. XIV ZAHARTZEAN ERE PENITENTZIARIK EGITEN EZ DUENAZ Esaten du Eskritura Santuak (1Sm 13:1): –Filius unius anni erat Saul, cum regnare coepisset, duobus autem annis regnavit super Hierusalem. Urte bateko haurra zen Saul erregetu zenean, eta bi urtez izan zen errege Jerusalemen gainean. Ordea, nolatan ahal dateke hau honela? Zeren seguru da urte bat baino gehiago zuela Saulek erregetu zenean, eta halaber bi urte baino gehiago egon zela bere erregetasunean. Egia da, hala da. Ordea, nola hastean baitzen malezia gabe, urte bateko haurraren pare eta egoitza hartan iraun baitzuen bi urtez, eta ez gehiago, eta Jainkoarekiko ez baitira kontutan hartzen ontasunean enplegatzen diren urteak baizik, halatan esaten da urte bateko haurra zela Saul errege sartu zenean, eta bi urtez egon zela barren hartan, eta ez gehiago, zeren ez baitzen bi urtez baizik bekaturik egin gabe egon. Esaten du Senekak (Epist. ad Lucilium, 23, 10): –Quidam tunc vivere incipiunt cum desinendum est. Si hoc iudicas mirum, adiiciam quod magis admireris: quidam ante vivere defierunt quant inciperent. Jende batzuk hasten dira bizitzen bizitzetik gelditu behar denean. Eta baldin honetaz miresten baduzu, esango dizut are miretsikoago duzuna: beste batzuk bizitzen hasi baino lehen gelditzen dira bizitzetik. Zeren obra onak egiten hasi baino lehen bukatzen baitzaie bere bizia. –Quid est autem turpius quam senex vivere incipiens? –dio halaber Senekak (Epist. ad Lucilium, 13, 16)–. Zer da gauza itsusiagorik bizitzen hasten den zaharra baino? Lehen behar da, lehen, hasi; lehen behar da ikasi. Eta nola zaharra ezin has baitaiteke bizitzen, seguru da obrez mintzo dela Seneka leku honetan, eta ez adinaz. Itsusi da zahartzeraino Jainkoa zerbitzatzen ez hastea; itsusiago orduan ere ez hastea; eta guztietako itsusiena eta gaiztoena, orduan gaiztakeriari berriro lotzea eta malezian barrenago sartzea. Batzuk zahartzean hasten dira prestutzen eta bertuteari jarraikitzen, eta hobe da orduan ere, ez inoiz baino. Ordea, hura da, bidea iraganik, etxean egon behar lukeenean abiatzea, handituegirik aprendizgoan jartzea, urdindurik eskolara joatea. Eta hauek guztiok dira itsusi, sasoitik kanpoan eta muga gaitzean. Gazte-denboran ibili zinen gazte antzu, arinki, debozio gutxirekin, beti prometatzen zenuela, eta gogoan erabiltzen, zahartzean mirakulu egingo zenuela, orduan santutuko zinela. Bada, orain zahartu zara, zeure promesen eta hitz handien epean eta mugan zara. Baina zuk orain ere itzurbideak bilatzen dituzu, luzamenduak aurkitzen dituzu, eta azken adinean zarela gutxi kontsideraturik, lehenbizikoan bazina bezala gobernatzen zara. Ez zuen hala egiten Senekak, jentil bazen ere, esaten zuenean (Epist. ad Lucilium, 61, 2): –Ante senectutem curavi ut bene viverem, in senectute ut bene morerer. Zahartzeko aitzinean saiatu nintzen ongi bizitzen, eta zahartzean ongi hiltzen. Gaztean bizitzeaz eduki nuen kontu, eta zahartzean hiltzeaz. Zahartuz gero utzi behar da bizitzea eta bizitzeko gogoa, heriotzarekin behar da iharduki, eta hartarako bere ahal guztiaz prestatu. 1 Zahartzea, sentontzea, urte anitzez bizitzea bere egitez on da, Jainkoaren donua eta dohaina da. Zeren jondoni Paulok dioen bezala (2Ko 4:16), –Licet is qui foris est, noster homo corrumpatur, is autem qui intus est, renovabitur de die in diem. Gure gorputz hau, arimaren kanpoko eta gaineko estalki hau zahartzeaz higatzen eta desegiten bada ere, ordea, barrena, arima, hobetzen eta eraberritzen da. Pertsona zaharrak, nola ja berak frogatuz eta esperientziaz ere baitaki munduko erokerien eta joan-etorrien berri, ordu du gaztetasuneko mainak eta tornuak uzteko eta bere buruari akordatzeko eta ohartzeko. Baina gaztea arriskutsua da. Eta halatan, errege Dabidek esaten zion Jainkoari (Sal 101:25): –Ne revoces me in dimidio dierum meorum. Ez nazazula dei neure egunen erdian. Utz nazazu zahartzen, umotzen, urdintzen eta azken adinera heltzen. Zahartasuna beste anitz gauzatarako ere bai, baina guztien gainetik ematen da gaztetasuneko faltak erremediatzeko. Eta hartarako, hartara ezkero, lehengo odol beroa hozten da, sosegua etortzen da eta batere adimenik duena etorkizunean pentsatzen jartzen da. Den pertsonarik laxoenak eta antsikabeenak ere arratsean etxeko ateak ixten ditu; portaleen mugan, hirietan, munduak laster egiten du; ardiak iluntzerakoan azkarrago jaten du; zisneak hiltzerakoan bere kantua bikoizten du. Hala dagitela kontseilatzen ditu jondoni Paulok pertsona zaharrak (Heb 10:25): –Tanto magis quanto videritis appropinquantem diem. Zenbatenaz eta ikusten baituzue zeuen azken eguna hurbiltzenago zaizuela, hainbatenaz lasterrago abia, hainbatenaz bermago eta lehiago zaitezte. Begira ezazue orduan zabartzetik, nagitzetik eta antsikabetzetik. Zeren orduan da mena, orduan da mina, orduan da azken adina eta arrisku guztien gaineko arriskua. Eta nola hainbatik hainbatean ederrago baitzaizkio Jainkoari gaztetasuneko zerbitzuak eta obra onak zahartasunekoak baino, hala, beste aldera, zaizkio halaber itsusiago eta gaitziago zahartasuneko faltak eta huts eginak, gaztetasunekoak baino; zeren zahartasunekoak ez baitira jakin gabe, ignorantziaz edo esperientzia faltaz eginak, baina bai maleziaz, gaiztakeriaz eta gogoan erabakirik, begiak itsuturik bezala akometatuak eta obratuak. Ez da puntu honetara gaizki heldu Espiritu Santuak dioena (Si 25:3-4): –Tres species odivit anima mea et aggravor valde animae illorum: pauperem superbum, et divitem mendacem, et senem fatuum et insensatum. Hiru bekatu edo bekatore-suerte gaitzesten ditut eta zaizkit beste guztien gainetik itsusi: pobre harroa, aberats gezurtia eta zahar ero zentzugabea edo zahar maitemindua. Kontsideratzekoak dira hitz hauek jakin dezagun ea zergatik deritzen Jainkoak hain gaitz hiru bekatu-suerte hauei: pobrearen harrotasunari, aberatsaren gezurrari eta zaharraren erotasunari. Baiki, bada hauek baino bekatu handiagorik. Lehenbizikorik, pobrea harro izatea badirudi ez dela bekatu handi; lehen dirudi erokeria eta adimen falta. Zeren pobrea zerk harrotzen du? Halaber, aberatsa ere gezurti izatea badirudi bekatu arina dela; behintzat, anitz da handiagorik. Bada, gizon zaharra ere banaloriatzea eta gazte-denborako zenbait erokeriatara bihurtzea gizonari gerta dakiokeena da. Anitz da bekatu handiagorik. Zergatik, bada, hauek honela direlarik, esaten du guztiarekin ere Espiritu Santuak hiru bekatu hauek zaizkiola gaitzienik eta itsusienik? Ez da gaitz ihardesten. Baldin hiru bekatu-suerte hauek kontsideratzen baditugu gaingiroki, azaletik eta kanpotik, bada hauek baino handiagorik eta Jainkoz ere gaitzetsiagorik. Ordea, baldin hartzen badugu barrena, mamia, Espiritu Santuak honetan esan nahi duena, aurkituko dugu, maleziaz, premia gabe, salokeriaz, bere plazerera, kausarik, okasiorik eta tentamendurik gabe egiten diren bekatuak direla gaiztoenak. Eta halakoak dira hiru bekatu-suerte hauek, zeinez mintzo baikara presenteon. Pobrea gezurti izatea ez da hain miresteko, zeren beharrak anitz gauza eginaraz dezake. Aberatsa ere harro gertatzea komun da, ardurako gauza da, zeren nola inoren men gabe berak baitu bere dina eta behar duena, hark harrotzen du, hark handitzen eta hantzen du. Bada, pertsona gazte bat bere obretan eta joan-etorrietan arin eta ero izatea ez da ongi, baina badirudi apur bat bederen adinak desenkusatzen duela. Baina pobreak zer okasio du harrotzeko, aberatsak gezurti izateko? Eta pertsona zaharrak gazte denborako tornuetara eta erokerietara bihurtzeko? Bekatu hauek eta guztiz ere zahartasunekoek ez dute desenkusarik, ez dute estakururik eta ez edertzeko biderik, eta halatan zaizkio hain gaitzi eta itsusi Jainkoari. 2 Egun batez permititu zuen Jainkoak desegin zezaten bere etsaiek Jerusalemeko hiri eder famatu hura; utzi zien hartaz nahi zuten guztia zegitela. Eta nola Jainkoak ez baitu behin ere inor bidegabeki gaztigatzen, ematen du arrazoia Jeremias profetak ea zergatik Jainkoak hiri hura desegiten eta bilakatzen utzi zuen, esaten duela (Nk 1:9): –Sordes eius in pedibus eius, nec recordata est finis sui. Bere likiskeriak eta lizuntasunak zituen oinetan eta bere amaieraz ere ez zen oroitu. Esan balu bezala: –Oinak zituen lohiak, satsuak eta likitsak; hau da kausa eta arrazoia zeren hiri hura hala galdu zen. Bada, gauza komuna da eta ardurakoa oinak likits izatea, zeren lurrean baitabiltza. Zer antsia zen, beraz, hargatik? Baldin begitartea, aurpegia izan balu likits, badirudi arrazoia izan zukeela egin zuena egiteaz, baina oinengatik zer antsia zen? Eta alabaina, hargatik, oinetako likiskeriagatik, esaten da galdu zela, zeren nola zahartzea baita azken adina eta bizitzaren bazterra eta hondarra, hala dira oinak ere gorputzaren amaiera, akabantza. Eta halatan, oinetan likits izateak esan nahi zuen zahartzean zela likits eta gaizto, eta ez zela bere amaieraz ere oroitu, eta halatan galdu zela. Zeren zahartzean gaizto dena eta orduan bere salbamenduaz oroitzen ez dena gaitz da galdu gabe eskapatzea. Esaten du san Ziprianok (De 12 abusionibus seculi, 2. k.): –Sicut in lignis ipsa reproba arbor comparet quae post flores, fructus optimos cultori suo no exhibet; sic et in hominibus ipse reprobus est quem flos iuventutis deserit, et tamen in sui corporis senectute, bonorum operum fructus proferre parvipendit. Nola zuhaitza baita zuhaitz alferra, fauna, idorra eta agorra hostoaren eta lorearen ondoan fruiturik jasaten ez duena, hala da gizona ere gizon alferra eta gutxi balioa, bere gaztetasuneko lorea eta berdetasuna iraganez gero, obra onen fruiturik gabe dagoena. Gizonak, inoiz ere izatekotan, behar luke hogei urtetan izan laster eta arin; hogeita hamarretan indar eta sendo; berrogeietan zentzu eta adimen; berrogeita hamarretan diru eta hazienda, eta hirurogeietan debozio eta kontzientzia. Adin hartan, hirurogei urtetara ezkero kontzientziarik ez duenaz, bere apetitu desordenatuetatik gibelatzen ez denaz ez dagizula konturik. Eta are gutxiago, orduan berriro gaiztakeria pentsatzen eta egiten hasten denaz: hartaz etsi ezazu, hura emazu galdutzat. Hainak eta halakoak mehatxatzen ditu Jeremias profetak hitz estali batzuen azpian, esaten duela (Jr 6:4): –Vae nobis, quia declinavit dies, quia longiores factae sunt umbrae vesperi. Ai, gure errukarriak! Galdu gara! Egin du gureak! Zeren bukatu hurran da eguna, beheititu da eguzkia eta itzala ere luzatuago da arratsaldean. Zer esan nahi du mintzatze-molde honek? Baldinba eguzkiak, betiere ageri den bezala, luzeago egin behar du itzala arratsaldean eguerdian baino, zeren eguerdian gaindik behera artez eta arratsaldean saihetsetik soslai ematen baitu. Ordea, guztiarekin ere, zeren hau honela gertatzen den, esaten zaigu begira dezagula, galduak goazela. Nola aditzen da, bada, hau? Aditzen da galduak goazela, ez zeren ikusten dugun eguzki honek egiten duen arratsaldean itzala handiago eta luzeago, baina zeren gure arratsaldean, zahartzean, adina irauliaz eta beheitituaz doanean eta dihoakigunean, mendekatzeko, engainatzeko eta are bizitzeko nahia eta desira ere berretzenago eta luzatzenago zaigun; zeren zaharrago eta gaiztoago egiten garen. Hargatik esaten du galduak goazela. Badakigu paradisurako denak ez duela behar bekaturik, eta ez bekaturen notarik eta ez zimurdurarik: Non habentem maculam aut rugam (Ef 5:27). Badakigu utzi behar direla aztura gaiztoak aitzinetik. Eta zuk, gazte zinenean, esaten zenuen ez zela orduan lekurik, baina zahartzean guztiak falta gabe utziko zenituela. Bada, orain han zara, bazterrean zara, zahartu zara eta, alabaina, egundaino baino barrenago sartzen zara, lehen bezain gaizto edo gaiztoago zara. Zer egin gogo duzu, bada? Zertan pentsatzen duzu? Zeren begira zaude? Zahartzearen? Han zara. Epearen? Konplitu da. Konpli ezazu, bada, zuk ere zeure hitza eta promesa, zahar zintezenerako eman zenuena. Esango duzu: –Badut oraino beste epe bat ere; ez dira oraino denbora guztiak iragan. Egia da: esan nuen zahartzean onduko nintzela; orduko zen lehen epea. Baina har dezaket bigarren bat ere. Zeren oraino, zahar naizenagatik, bizi naiteke gehiago ere. Bada, azken urtean, hiltzerako aitzinean, falta gabe, falta guztiak erremediatuko ditut. Orduan neure hitzak edukiko ditut, promes guztiak konplituko ditut. Anarteraino ez da lekurik, ez da zer mintzaturik. Hau da pertsona galduen kontua eta hurran-hurran, honen ondoko eta hurraneko kapituluan ageriko den bezala, fin gaitz egiteko seinale gertua. XV HERIOTZAKO ORENERAINO BEKATUTAN EGON GOGO DUENAZ Esaten du Senekak (Epist. ad Lucilium, 27, 2): –Moriantur ante te vitia. Hil bitez zu baino lehen zure faltak eta bekatuak. Haiek lehenik, zu gero. Ez ditzazula heriotzaraino zeurekin eduki. Zeren hartara ezkero, arriskutan jar zintezke, zerori hilagatik, haiek bizirik geldi litezen. Zahartzeraino bekatutan dabilena ez da arrisku gabe. Zer izango da, bada, are aitzinago, heriotzako oreneraino, beti barrenago sartzen dela, beti hala dabilenaz eta ibili gogo duenaz? Ez nuke esan nahi zein arrisku handiak diren heriotzako oren hartan, zeren ez bainioke inori izutzeko eta esperantza galtzeko okasiorik eman nahi. Ordea, ezin nagoke esan ere gabe, zeren orduko esperantzak anitz galtzen baitu, eta baitakusat ezen nik orain hemen eman dezakedan izuak eta beldurrak baino, orduko arriskuaren berririk jakin gabeak kalte gehiago egin dezakeela. Baina egiteko honetan sartu baino lehen nahi nuke jakin zenezan gauza bat, eta da, nola egiazko penitentzia baita Jainkoaren donua, dohaina eta emaitza, Jainkoak berak plazer duenean eman dezakeena, hala egiazko penitentzia hura –noiznahi den dela, heriotzako azken orenean bada ere– salbatzeko aski sendo eta boteretsu dela. Eta halatan salbatu zen ohoina bere azken orenean, anarteraino bekatutan egona eta ibilia. Oraino bideazkoak gara, eta honela gareno iragan gaitezke aitzina, eta bai gibelera ere bihur. Egin dezakegu ongi, eta bai gaizki ere, zeren borondatea libre eta geure eskuko baitugu. Halatan esaten du san Agustinek (11. serm., De Verbis Domini): –De nullo desperandum est, quamdiu patientia Dei ad poenitentiam adducit, nec de hac vita rapit impium. Ez da inortaz ere etsi behar, ez da inor ere galdutzat eduki behar Jainkoaren pazientziak penitentzia egitera itxaroten dioeno, mundu honetan uzten dueno. Halaber, esaten du san Agustinek berak (De Ecclesiae dogmatibus, 80. k.,): –Poenitentia aboleri peccata, indubitanter credimus, etiam si in ultimo vitae spiritu admissorum poeniteat. Seguru daukagu, duda gabe sinesten dugu azken hatsa aurtikitzean ere penitentziak barkatzen dituela bekatuak. Eta Jainkoak berak esana da Ezekiel profeta baitan (Ez 33:12): –Impietas impii non nocebit ei, in quacumque die conversus fuerit ab impietate sua. Ez dio bekatoreari bekatutik ateratzen den egunetik aurrera bere bekatuak kalterik egingo. Konberti bedi, onera bihur bedi, nahiz dela arimak egiterakoan. Biz hats bakoitzean dagoenean, eta orduan ere entzuna izango da. Biziak diraueno, hatsa sabelean deno, arima gorputzetik atera arte, baldin oraino adimena on badu, memorian eta akorduan badago, nahasten ez bada, baduke bere bekatuaz behar den urrikitzea, damua eta dolorea. Eta hainbatenarekin, ez du bitartean zer etsirik, ez du zer esperantza galdurik, zeren ez baita oraino orduan erremediotik kanpoan. Bekatuez barkamen erdiesteko, egin behar da penitentzia; eta penitentzia egiteko, aski da puntu bat, buru-itzultze bat, begi itxi-ireki baten bitartea. Zeren egiazko penitentzia eta, besterik ezin egin daitekeenean, salbatzeko aski dena bihotzezko urrikitzea da, egindako faltez, barrenean, Jainkoagatik damu eta dolu izatea. Esaten denean egin behar dela penitentzia eta bestela ezin salba daitekeela, ez da, ez, aditzen, bada eta ez bada, behar dela konfesatu, barkamen eskatu, barautu, otoitzetan egon, erromerian ibili eta honelako beste obra penatuetan penatu. Zeren egia da: gauza hauek guztiok penitentziak dira eta penitentziazko obrak. Ordea, dira kanpokoak eta, egin daitezkeenean, zenbait bederen egin behar direnak. Baina baldin ezin egin badaitezke, ezin konfesa badadi, ez mintza eta ez deusetan ere maneia, aski da orduan barren ona, borondatea, bihotzezko damua, dolua eta dolorea, zein baita egiazko penitentzia eta kasu hartan, besterik ezin egin daitekeenean, salbatzeko aski dena. Erremedio hau dute itsasoan edo handik kanpoan konfesatu gabe hiltzen direnek: barreneko penitentzia, bihotzezko damua eta dolorea, kontrizioa. Ez dute besterik, baina hau dute aski baldin behar den bidean izaten badute. Eta barreneko penitentzia hau, bihotzezko damu eta dolore hau –zein latinez deitzen baita contritio, a verbo contero, esan nahi baitu xehatzea, zatitzea, porroskatzea, zeren bekatuz gogortu zen bihotza damuaz, doloreaz eta urrikiaz xehatzen, beratzen eta zatitzen baita– baduke inork laburzki, denbora gutxiz, puntu batez. Zeren san Basiliok dioen bezala (De Moribus orationes, IV: De Poenitentia): –Non enim temporis quantitate, sed animi proposito poenitentia iudicatur. Penitentziaren indarra eta balioa borondatearen erabakian dago eta ez denboraren luzetasunean. Hala dio san Agustinek ere (Enchiridion, 65. k.): –In actione autem poenitentiae, non tam consideranda est mensura temporis, quam doloris. Penitentzia egitean, ez da hain kontsideratu behar denboraren neurria nola dolorearena. Urrikitze egiazkoak, bihotzez konbertitzeak, dolore finak eta beroak gehiago egin dezake denbora gutxiz, dolore laxoak eta hotzak anitzez baino. Dolorea behar da neurtu eta kontsideratu, eta ez denbora. Hau berau ematen du oraino aditzera san Agustinek, esaten duenean (67. serm., De tempore): –Poenitentia vero non annorum numero censetur, sed amaritudine animi. Penitentzia ez da, ez, urteen kontuaz egiazko eta baliotsu egiten, baina bai bihotzaren barreneko doloreaz, urrikiaz eta atsekabeaz. Nola bekatua arimatik kentzeko eta ateratzeko bi gauza behar baitira –bata Jainkoaren aldetik, haren grazia eta faborea, eta bestea guretik, gure nahia eta borondatea (ikus san Tomas, S. Th., 1-2, 113, 7)–, eta gauza hauek guztiok, are gure aldetik behar direnak ere nagusiki Jainkoak egiten baititu, halatan Jainkoak bere grazia ematea eta gu grazia hura errezibitzeko eta harekin batean bekatua kentzeko prestatzea ere egin daitezke laburzki heriotzako azken artikuluan. Zeren bekatua egiteko aski da puntu bat, gogoaren egozte bat, borondatearen erabakitze bat eta kontsentitze bat; aski izango da, beraz, halaber bekatu hura bera erremediatzeko ere puntu bat, gogoaren beste aldera itzultze bat, borondateak zinki eta finki Jainkoagatik bekatuaren uzte bat eta gaitzeste bat. Zeren are miserikordiosoago da Jainkoa justiziati baino, barkatzera prestago gaztigatzera baino. Beraz, honelatan, heriotzako puntuan ere, azken orenean ere egin daiteke Jainkoaren faborearekin batean egiazko penitentzia, eta erdiets bekatuen barkamena. Hau da egia, eta egia honetan ez da dudarik. 1 Bai, ordea, bada duda, eta duda ere handia, ea azken oren hartan egiazko penitentziarik, behar den urrikitzerik izango duenetz bekatoreak. Aitortzen dizut badukeela orduan ere; ordea, puntua da ea izango duenetz. Eta ez da munduan heriotzako oreneraino bekatutan dagoenaren salbamenduaz dudatzen ez duenik, segurantzarik ematen duenik. Aitzitik, Eskritura Santua eta Elizako doktore guztiak hain estuki eta izugarriki mintzo dira orduko penitentziaz, non baitirudi ezen, haien esanen arabera, hartara ezkero ez dela bat ere salbatzen. Esaten du san Mateo ebanjelariak (Mt 24:20): –Orate ut non fiat fuga vestra in hieme vel sabbato. Egizue otoitz; ez dadila zuen ihesa gerta neguan edo larunbatean (zein baitzen orduan festa). Zeren nola negua baita limuri, leun, istiltsu eta lohitsu, ez da bidean ibiltzeko on. Eta festa-egunean ere debeku zen, ez zen sori eta ez zilegi bide luzerik iragatea, urrun joatea. Bada, heriotzako orena da negu eta festa. Negu, zeren guztia baita trabuz, trabailuz eta egitekoz betea. Festa, zeren orduan behar baita pausatu eta astegunetako trabailuez, anarterainoko obra onez gozatu. Beraz, honelatan lehen behar da etsai gaiztoaren eskuetatik ihes egin eta eskapatu, eta ez anarteraino egon eta luzatu. Arropa berriak pazkorako eginarazi nahi dituenak aitzinetik behar du prestatzen hasi, aitzinetik behar du oihala ekarri, neurria hartu eta jostera eman. Erokeria handia litzateke goiz bereraino dendaria deitu gabe eta beste gauzak zuzendu gabe egotea. Bada, are da erokeria handiagoa heriotzako oreneraino arima beztitzeaz konturik ez egitea eta uste izatea ezen herstura hartan, hain denbora laburrean prestatuko eta apainduko dela. Halatan, Alexandro handiak egotzi zuen soldadu bat bere konpainiatik, zeren etsaiarekin batzerakoan, konbate ematerakoan hasi baitzen armak garbitzen eta prestatzen. Denbora hertsia eta egitekotsua da heriotzako denbora; gaitz da orduan egiazko penitentzia egitea eta izatea, guztiz ere lehen debozioan ohitu ez denarentzat edo anarteraino beti gaizto izan denarentzat. Eta nola den gaitz, anitz arrazoiz froga daiteke. Lehenbizikoa: orduan munduko egitekoek, zor-hartzekoek, hartu-emanek, seme-alabek, sehiek, ondokoek eta guztien gainetik eritasunak berak, orduko oinaze min haiek trabu handia ipiniko dizute; nahasiko, aztoratuko, zeri lot ez dakizula, zeure buruaz eta eginbideaz ahantzirik ipiniko zaituzte. Sukar handi batekin, saihetseko punta batekin edo beste eritasun bortitz batekin dolorez zarenean, dolore hark berak, are eskapatzen zarenean ere, ematen dizu egitekorik asko, ez dizu bestetan pentsatzeko ere astirik uzten. Zer izango da, bada, dolore guztien gaineko doloreak, arima gorputzetik ateratzeko aski denak, heriotzakoak har zaitzanean? Zer balentria egin uste duzu zuk orduan? Egiazko penitentzia, zein baita gauza handia, egitekotsua eta osasuna duenari ere lanik eta ekairik asko ematen diona, nahi duzu zuk, den denborarik estuenerako, gaitzenerako, eri zarenerako eta, are, heriotzaren azken orenerako luzatu. Horretan ematen duzu aditzera ez duzula inoiz ere penitentziarik egin nahi, zeren osasunarekin zaudenean, ahala duzunean, ez baituzu egiten. Hala esaten du doktore batek (Hugo San Victor, De Sacramentis, II, 14. p., 5. k.): –Si non facis dum potes, manifeste ostendis quod non vis. Hargatik esaten du Agustinek ere (Ad fratres in eremo, 71. serm. ): –Festinare debet ad Deum convertendo dum potest unusquisque, ne si dum potest noluerit, omnino cum voluerit, non possit. Batbederak behar du konbertitu eta egin laster Jainkoagana ahala duenean. Zeren ahala duenean nahia ez duenak, benturaz gero, nahia duenean ez du ahala izango. Behintzat jartzen, bederen, bada ez izateko arriskuan. Beraz, honelatan lehen behar da prestatu. Zeren gaitz izango da heriotzako orenean, eritasunez eta oinazez kargatua zaudenean penitentzia egitea, behar den fintasunarekin eta berotasunarekin Jainkoari gomendatzea, zeren orduan, besteak beste direla, eritasunak berak emango baitizu egitekorik asko. 2 Are gehiago: gaitz izango da heriotzako orenean behar den bidean penitentzia egitea. Zeren penitentziak eta edozein beste obra on batek ere, egiazko eta baliotsu izateko, behar du gogotik, amodioz, borondate onez eta libreki egina izan, eta ez bortxaz, ez ezinbestez edo beldurrez. Eta azken oreneko penitentzia hark badirudi bortxazkoa, ezinbestezkoa edo beldurrezkoa dela, eta ez behar bezalakoa eta ez behar bezain librea eta borondatezkoa. Halatan esaten du san Agustinek (57. serm., De tempore): –Poenitentia quae ab infirmo petitur, infirma est, poenitentia quae a moriente tantum petitur, timeo ne ipsa moriatur. Eriaren penitentzia penitentzia eria da; beldur naiz hil dadin hiltzerakoan baizik egiten ez dena. Lehen behar da, lehen, egin. Quoniam non est in morte qui memor sit tui. Zeren, profeta Dabidek dioen bezala (Sal 6:6), ez da inor heriotzan Jainkoaz oroitzen. Ordea, zer esan nahi du mintzatze-molde honek? Ez dela inor heriotzan Jainkoaz oroitzen? Zeren gu orduko esperantzak bizi gaitu, eta esperantza harekin ez dugu anarterainokoan gaiztakeriarik baizik egiten, ez gara epe hartaraino Jainkoaz ere oroitzen; baina orduan, diren gaiztoenak ere hasten dira bere kontzientziak iratiotzen eta iraultzen, batari eta besteari barkamen eskatzen, eta beste egiteko guztiak utzirik, ahalez Jainkoa bera baitan pentsatzen. Nolatan ahal dateke, beraz, egia errege Dabidek dioena, “ez dela inor heriotzan Jainkoaz oroitzen”? Ez da gaitz ihardesten: zeren, bataz, lehen esan den bezala, orduan eritasunak berak, bere gorputzeko gaitzak ematen baitio batbederari egitekorik asko; eta berriz, bestea, zeren arrisku baita orduko oroitzea, oroitzen bada ere, ez oroitzea bezala, beldurrezkoa edo bortxazkoa izango den, eta ez behar bezalakoa. Zeren san Agustinek dioen bezala (10. serm., De sanctiis): –Quia etiam hac animadversione percutitur peccator ut moriens obliviscatur, qui, dum viveret, oblitus est Dei. Bizi deno Jainkoaz ahantzirik egon denak merezi du berari ere, hiltzerakoan, ahantz dakion bere burua, eta oroitzen bada ere, oroitze hura ez dakion deus balia. Eta irudi ere badu ez zaiola deus baliatzen. Zeren eskuarki halakoa, eritasunetik eskapatzen denean, lehengo bekatuetara bihurtu ohi da. Halakoaz eta halakoez mintzo dela, esaten du errege Dabidek (Sal 65:3): –In multitudine virtutis tuae mentientur tibi inimici tui. Zeure bertutearen multzotasunean gezur egingo dizute zeure etsaiek. Zer esan nahi du mintzatze-molde honek? Konparazio batez edo biz adituko duzue. Bi aitonen semek edo zaldunek elkarren artean etsaigoa dutenean eta elkar mehatxaturik, desafiaturik, konbatera eta gudura deiturik kolpeka hasten direnean, eskuarki sendoenak edo antzetsuenak garaitzen du bestea, bera meneratzen du, azpiratzen du, lurrera egozten du, ezpataz iragatera darama. Orduan, lurrean datzanak, herstura handian baitago, esaten dio bere etsaiari: –A, jauna! Otoi, barka iezadazu, bizia emadazu! Ezagutzen dut orainokoan zurekiko huts egin dudala, gaizki egin dudala, baina prometatzen dizut ezen hemendik aurrera zure zerbitzari izango naizela. Honela mintzatzen zaio; honela otoitz egiten dio. Eta otoitz hauek gogoan harturik, bihotza hausten zaio, errukitzen da, barkatzen dio, uzten du jaikitzen. Ordea, jaiki den bezain azkar, bere eman duen promesaz eta egin zaion graziaz kontu gutxi eginik, bere lehengo tornura eta etsaigora bihurtzen da. Halakoari bere etsaiaren indarrak, botereak eta garaitiak gezurra esanarazi dio eta prometarazi konplitzen ez duena: –In multitudine virtutis tuae mentientur tibi inimici tui (Sal 65:3). Hala, eriek ere bere eritasunetan eta marinel tormentatuek bere tormentetan anitz promes eder egiten dute, santutzeko gogo hartzen dute, debozio bat erakusten dute. Ordea, nola hura guztia beldurrez egiten baitute, eritasuna eta tormenta iragan direnean iragan dateke haien debozioa ere, eta handik aurrera lehen bezain gaizto edo gaiztoago egiten dira. Halakoei eritasunaren eta tormentaren indarrak gezurra esanarazi die, eta prometarazi konplitzen ez dutena. Kartzelan dagoenak egiten duen ordenuak eta testamentuak ez duela deus balio dio legeak (Ff. de eo qui merus lausa l. qui in carcere). Ez eta, beraz, ez du deus balioko eritasunaren eta heriotzaren kartzelan eta hersturan dagoenak egiten duen promesak eta penitentziak ere. Zeren haiek guztiek dirudite direla bortxaz eginak, eta ez amodioz eta ez borondatez. 3 Esaten du Eskritura Santuak Antioko errege gaizto hark, heriotzako orenera zenean, urrikitze handi bat erakutsi zuela, anitz promes eder egin zuela, hainbat ezen baitzirudien bere hitzetan santu bat zela eta santu bat bezala mintzo zela, esaten zuela beste anitz gauzaren artean (2M 9:12): –Iustum est subditum esse Deo, et mortalem non paria Deo sentire. Justu da eta arrazoi Jainkoari errendaturik egotea eta gizonak Jainkoaren berdin bere burua ez edukitzea. Eta guztiarekin ere, honela mintzo bazen ere, esaten du Eskritura Santuak berak leku berean (2M 9:13): –Orabat autem hic scelestus Dominum, a quo non esset misericordiam consequuturus. Gaizto hura otoitzez zegokion Jainkoari, baina alferrik; ez zuen barkamen erdiesteko arriskurik. Zeren otoitz haiek eta Jainkoaz oroitze haiek bortxak, heriotzaren beldurrak eginarazten baitzizkion. Puntu honen gainean esaten du Soto doktore handi hark (Quartum Sentenentiarum Commentarii, 19, 3, 6): –Antiochus propterea non est veniam consequutus, quod poenitentiam non habuit. Sed ob id nobis exemplo propositus est, ut admoneamur, dolorem peccatorum, qui ex cruciatibus mortis enascitur, fallacem esse saepissime. Ez zuen errege Antiokok barkamenik erdietsi, zeren ez baitzuen behar zen bidean penitentziarik egin. Ordea, hark bere azken finean egin zuen saioa eta penitentzia-itxurapena ipintzen zaigu geure begion aitzinean etsenplutzat eta ispilu bezala, jakin dezagun eritasunaren eta heriotzaren oinazetatik eta hersturetatik sortzen den penitentzia maiz dela alfer, faun, faltsu, gezurti eta gutxi balio. Ikusten duzunean bere mende guztian gaizto izan den bat eritu denean eta ja hiltzera etsi duenean hasten dela batari eta besteari barkamen eskatzen, beharrei bere haziendaren partitzen eta hasbeherapen handi batzuekin, begiak zerura iraulirik, Jainkoari gomendatzen, ez dezazula, ez, hargatik pentsa seguru duela halakoak bere salbamendua. Aitzinetik, aitzinetik, eritu baino lehen eta heriotzako hersturan jarri baino lehen behar da bekatua utzi eta debozioa hartu. Zeren, bestela, erituz gerozko debozioan ez da zer fidaturik, ez da segurantzarik. Eritasuneko debozioa, eskuarki, heriotzaren beldurretik heldu da, eta ez Jainkoaganako amodiotik. Eritu ez bazina, lehen bezala, zeure lehengo bekatuen xisteran, etzauntzan eta tokian egongo zinen. Baldin aitzinetik, eritu baino lehen bekatua uzten baduzu, intentzio ona hartzen baduzu eta, ahalez, zeure lehengo faltak erremediatzen ari zarela zeure azken eritasunak harrapatzen bazaitu, jakizu ezen orduan, munduko bekatorerik handiena izan bazara ere, salbatzeko bidean zarela eta salbatzeko esperantza handi bat ahal dukezula. Baina bestela, Jainkoak begira zaitzala, bekatutan eta bekatu egiteko gogoan eta borondatean zaudela, zeure azken eritasunak ediretetik. Zeren baldin hala edireten bazaitu, arrisku da zeure eritasun hartako konfesatzeak, urrikiak, debozioak eta egiten dituzun beste saio guztiek ere deus gutxi balioko duten, indar gutxi izango duten. Ez naiz neure burutik mintzo. Hala esaten du san Agustinek (41. hom. inter Homilias quinquaginta: De poenitentibus): –Agens poenitentiam, et reconciliatus cum sanus est, et postea bene vivens, securus hinc exit. Agens poenitentiam ad ultimum et reconciliatus, si securus hinc exit, ego non sum securus, poenitentiam dare possum, securitatem dare non possum. Numquid dico, damnabitur? Non dico. Sed dico etiam liberabitur? Non. Sed quid dicis mihi? Nescio: non praesumo, non promitto; nescio. Osasuna duela, bere bekatuak konfesa eta penitentzia egiten duena eta gero handik aurrera ongi bizitzen dena ongi eta seguru irteten da hemendik. Baina bere azken fineraino eta azken eritasuneraino gauza hauek egiteko itxaroten duena ez naiz seguru ongi eta seguru irteten denetz. Seguru naizenean esaten dut seguru naizela, eta ez naizenean, ez naizela. Esan dezaket orduan ere egin dezakeela penitentzia, ez ordea eman segurantzarik. Ez dut esaten kondenatuko dela eta ez salbatuko dela ere. Ez naiz fida, ez naiz seguru, ez dakit. Honela dio san Agustinek. Eta esaten du oraino gehiago ere: –Vis te de dubio liberare? Vis quod incertum est evadere? Age poenitentiam, cum sanus es. Si sic agis, securus es. Quia egisti poenitentiam eo tempore quo peccare potuisti. Si autem vis agere poenitentiam tunc quando non potes, peccata te dimisserunt, non tu illa. Nahi duzu dudatatik irten? Nahi duzu seguruan jokatu? Egizu penitentzia sendo zareno, bekatu ere egin dezakezuno. Zeren, bestela, baldin zuk egin nahi baduzu penitentzia eri zarenean, hiltzerakoan, bekaturik ere ezin egin dezakezun denboran, ez dituzu orduan zuk uzten bekatuak, baina behatuek zu uzten zaituzte. Zer esker edo merezimendu uste duzu izango duzula ja ezin gehiago egin dezakezunean eta hiltzera etsi duzunean, tratu gaiztoak uzteaz eta batari eta besteari zeure ondasunak uzteaz eta partitzeaz? Zeren berdin ezin eraman zenitzakeen zeurekin. Baldin obra on horiek egin bazenitu osasuna zenuenean eta zeure burua hala onerako nola gaiztorako zeure eskuko zenuenean, badirudi indar gehiago izango zutela, baliotsuago izango zirela, segurantza handi bat emango zizutela eta zutaz ongi joango zela. Baina zeure azken finean, ja ezin gehiago iraun dezakezula ikusirik eta etsirik egiten duzun obra onean eta penitentzian ez da zer sobera fidaturik, zeren arrisku baita ez den orduko obra on hura eta penitentzia behar bezain fin eta egiazko izango. Ez dadila egon, beraz, inor penitentziarik egin gabe eta bekatuak utzi gabe bekaturik ezin egin dezakeen denboraraino; ez dadila egon bortxaren begira. Egin beza bere eginbidea libreki eta borondatez; egin beza mugaz eta goiz. Zeren san Agustinek dioen bezala (De vera et falsa poenitentia, 17. k.): –Multos solet serotina poenitentia decipere. Anitz engainatu ohi du arratsaldeko urrikiak, penitentzia berankorrak. Badira zuhaitz batzuk, udaren amaieran, sasoitik kanpoan hasten baitira loratzen edo birloratzen. Baina lore haietatik gutxi lotu eta eratxiki ohi da; haien fruitutik gutxi umotzen eta ontzen da. Nork nola ez dakiela, ihartu eta iraungi ohi dira. Hala dira, bada, bere adinaren amaieran, eritasunean eta hiltzerakoan desira onez betetzen hasten direnak ere. Orduko desira on haiek, nahikunde haiek neguko loreak dira, denbora gaitzekoak, sasoitik kanpokoak, eratxiki gabe, fruiturik ekarri gabe, desirkundetan ihartzen eta iraungitzen direnak. 4 Errege Faraonek, Israeleko semeen ondotik haiek hil nahiz zihoanean, ikusirik ezen urak hartzera zeramala, esan zuen (Ir 14:25): –Fugiamus Israel, Dominus enim pugnat pro eis contra nos. Dagigun ihes, bihur gaitezen gibelera, ezin egin dezakegu nahi dugunik; zeren Jainkoa bere alde dute jende hauek. Abiatu zen, bada, gibelera, eman zion ihesari, baina alferrik, probetxu gutxitan: berandu oroitu zen. Hura laster, baina ura lasterrago! Han bere lagun guztiekin ito eta hondatu zen. Hala gertatzen zaie, bada, eskuarki, heriotzako orenean bere gaiztakerietatik gibelera bihurtu eta ihes egin nahi dutenei ere. Abiatzen dira, egiten dute zenbait saio, baina ez aski; ahul dira eta halatan atzematen eta harrapatzen dira. Joab eta Abner, bi kapitain haiek gerla handia erabili zuten elkarren artean. Eta azkenean, ikusirik Abnerrek gaizki zihoakiola, garaitu hurran zela, esan zion Joab bere aurkariari (2Sm 2:26): –Num usque internecionen mucro tuus desaeviet? Zer da hau, Joab kapitain famatua? Zer egin gogo duzu? Akabatu nahi ote gaituzu? Aski egin duzu; garaitia baduzu; uzkuzu bizia. Orduan ihardetsi zion Joabek (2Sm 2:27): –Vivit Dominus si locutus fuisses mane recesisset populus. Promes ematen dizut ezen, baldin goizean mintzatu bazina, jendea barreiatuko zela eta entzuna izango zinela. Esan balio bezala: –Eta nola? Egun guztian, orain arte, ene kontra ibili zara, hartan zeure ahal guztiaz bermatu eta enplegatu zara, eta gero, orain, arratseon, harrapatua zareneon, gehiago ezin egin dezakezunean, nahi duzu baketu eta adiskidetu? Bada, ez, ez; berandu duzu, alferrik mintzo zara. Orain ene aldia da, lehen zurea zen bezala. Hona non duzun klarki pintaturik bekatore bati, bere mende guztian bekatutan, Jainkoaren kontra gerlan ibilirik, heriotzako orenean, jada harrapatua denean, Jainkoarekin gertatzen zaiona. Halakoari eta halakoei esango die Jainkoak, Abimelek erregeari eta harekin ziren lagunei Isaak patriarkak esan ziena (Has 26:27): –Quid venistis ad me hominem, quem odistis et expulistis a vobis? Zertara etorri zarete orain enegana, lehen gaitzetsia, alferretsia eta zeuengandik egotzia erabili duzuen gizon batengana? Esango die, halaber, halakoei Ebanjelioko bost birjina ergel haiei esan ziena: –Amen dico vobis, nescio vos (Mt 25:12). Zoazte hortik! Ez zaituztet ezagutzen! Clausa est ianua (Mt 25:10). Hertsi da atea, ez da irekitzerik, berandu duzue. Esango die halakoei: –Zuek, ahala zenutenean, ez zenuten ontasunik egin nahi; zergatik, bada, orain, ahalik ez duzuenean, egin behar dizuet nik zuei? Azken batean esango die: –Non dira orainokoan zerbitzatu dituzuen jaunak eta nagusiak, erabili dituzuen bekatuak eta gaiztakeriak? Surgant et opitulentur vobis (Dt 32:38): Zoazte haietara, eta haiek lagun itzazue, eta utz nazazue ni orain ere orainokoan utzi nauzuen bezala. Zuek lehen egiten zenuten nitaz irri eta eskarnio; hala, bada, aldiz, nik ere orain egingo dut zuetaz: Ego quoque in interitu vestro ridebo (Es 1:26). Honela esango die, heriotzako oreneraino bekatutan ibilirik, oren hartan bere bekatuak erremediatu nahi dituztenei. Eta arrazoirekin esango die honela, zeren orduan bortxaz eta ezinbestez hartaratzen baitira, eta bortxazko ongi-egiteak deus gutxi balio baitu. Halakoek nahi dute, bizi direno, Deabruaren zerbitzuan egon eta gero, hiltzerakoan, Jainkoagana aldatu. Ordea, hura da legearen kontra. Zeren esaten du legeak zuhaitz bat bere denbora guztian ondoz eta erroz zure baratzean edo lurrean egon dena, azkenean besteren baratzera edo lurrera makurtuagatik eta, ebakitzen dutenean, besteren lur hartara eroriagatik, zure izango dela, eta ez, eroririk datzaneko lurraren jabearen (Lege. Si plures in ff. novo, V). Hala eskuarki izango da, bada, halaber, bizi deno Deabruaren zerbitzuan erroak eginik egon dena ere: hiltzen denean, Deabruaren, eta ez, orduan Jainkoagana makurtuagatik, Jainkoaren. Eta nola zuhaitza, zutik dagoenean, makurtua dagoen aldera erori ohi baita arrunki ebakitzen denean, hala zu ere bizi zareno, nora baitzaude makurtua, hara eroriko zara hiltzen zarenean. Ez dezazula pentsa, ez dakizula irudi, baldin bizi zareno, sendo eta osasunarekin zabiltzano ezkerrera makurtua eta alderditua bazaude, eritasunean eta heriotzan eskuinera jarriko eta zuzenduko zarela. Bizitzari darraio heriotza: nola bizi, hala hil. Ur guztiak irteten dira itsasotik. Ordea, guztiarekin ere, ur haietatik batzuk dira gazi eta besteak geza; batzuk gogor, besteak bera. Eta arrazoia, zeren nolako baita lurra, zeinetatik iragaten baita ura, halako gertatzen baita ura ere. Urak lurraren gozoa eta zaporea hartzen du. Ura lurrak ontzen edo gaiztotzen du. Hala, bada, heriotza ere, nola bizitzatik iragaten baita, bizitzak ontzen edo gaiztotzen du. Nolako baita ehaiten den ehuna eta oihala, halako izango da oihalaren albenia eta bazterra ere. Beraz, honelatan, nolako baita bizitza, halako izango da, halaber, bizitzaren bazterra eta bukatzea ere, zein baita heriotza. Ongi bizi, ongi hil; gaizki bizi, gaizki hil. 5 Gerta daiteke, Jainkoaren zenbait sekretuz eta ordenamendu estaliz, ongi eta prestuki bizi izan dena gaizki hiltzea, azkenean behaztopatzea eta galtzea, ontzi anarteraino ongi ibilirik portuan sartzean galtzen dena bezala; nola, halaber, bere mendean gaizki bizi izan dena azken finean erremedia baitaiteke, ohoin ona egin zen bezala. Baina honelakorik orainokoan gutxitan gertatu da, eta benturaz ez sekulan gehiago egingo. Eskuarki, ongi bizitzen dena ongi hiltzen da, eta gaizki bizitzen dena gaizki hiltzen da. Hau da bide zabala, erreala, laua eta segurua. Beste guztiak dira bidexkak, bidezidorrak, hertsiak, meharrak, malkorrak eta arriskuz beteak. –Male mori times, et male vivere non times. Non potest male mori qui bene viverit (Agustin, De disciplina christiana, 13). Gaizki hiltzearen zara beldur, eta ez gaizki bizitzearen. Bada, ezin hil daiteke gaizki ongi bizi izan dena. Eta jakiteko duda gutxi dela egiteko honetan, bada seinale bat, handia. Zeren batbederak sendo zeno zertan baitzeukan gogoa, hartan ohi dauka eta hartaz mintzatu ohi da eritasunean eta hiltzerakoan ere, hartan edireten da ametsetan eta eldarnioetan ere, asko baita aditzera emateko bizitzen bezala hiltzen ere dela. –Quae seminaverit homo, haec et metet –dio jondoni Paulok (Ga 6:8)–. Gizonak zer ere ereiten baitu, hura biltzen ere du. Eta galdegiten du san Mateo ebanjelariak, ezezko kontuan bezala (Mt 7:16): –Numquid colligunt de spinis uvas, aut de tribulis ficus? Ote da inor elorri-arantzetatik mahats, edo sapar-laharretatik piku biltzen duenik? Bizi deno gaiztakeria banatzen eta ereiten ibili denak eta gero, bere azken finean, santu batek bezala hil uste duenak elorri-arantzetatik mahats, sapar-laharretatik piku, gaiztakerietatik ontasun bildu nahi du; ezin datekeen gauza desiratzen du. Bere mende guztian errebelatua ibilirik, heriotzako orenean, iluntzen hasterakoan bide onera eta artezera bihurtuko dela uste duenak huts egiten du. Lehen behar da, lehen. Zeren heriotzako oren hura, oren iluna, nahasia eta ekaiztsua da. Ez da ekaitz kapitainik hainbat egiteko ematen duenik. Orduan, lehen erraz zena ere gaitz bihurtzen da. Ontzia, itsas zabalean, denbora ederrarekin aise erabiltzen da; alde batera eta bestera, errazki, lemaz itzultzen eta gobernatzen da. Baina bazterrera ezkero, kosta joz gero, ez da gobernatzerik eta nahi bezala maneiatzerik. Denbora klaru deno, adin onean eta osasunarekin –ontzia itsas zabalean denbora ederrarekin bezala– zeure gogara zabiltzano, eskuei eragiezu, orduan berma zaitez. Zeren denbora gaitzak, eritasunaren oinazeak eta heriotzaren ekaitzak hartuz gero, kostara ezkero, bizitzaren bazterra heriotzak ukituz gero, egin da; mirakulu izango da salbatzea. Utzazu, beraz, burutik buruan darabilzun erokeria hori, egunetik egunera, heriotzaraino luzatuz eta epe hartuz, orduan erremediatuko zarelako esperantzarekin anarteraino bekatutan egote hori. Zeren badakizu ekaitz handiarekin kostan jotzera doan ontzi kargatua ez dela arrisku gabe; aitzitik, galdutzat daukazu halako ontzia. Hala eukazu, bada, halaber zuk ere galdutzat zeure burua, bekatuz beterik eta kargaturik heriotzaren kosta jotzen duzunean, betiere gero onduko zarela esaten duzula eta bekatu egiteko gogoan eta borondatean zaudela, zeure azken eritasunak edireten zaituenean. Zeren hartara ezkero, gutxiak dira ongi libratzen direnak, galdu gabe eskapatzen direnak. Beraz, honelatan, orain baituzu osasuna, indar, antze, adimen eta zeure burua zeure eskuko, orain ez baitzara oraino eri eta ez heriotzako hersturan jarri, orain baitzara libre eta, nahi baduzu, ongi eta gaizki ere egin dezakezun denboran, orain, bada, orain, men-menean jarri gabe, sukarrak nahasi gabe eta eritasuna jaundu gabe, egitzazu gero egin gogo dituzun ongiak eta deskarguak. Eta «orain» diot. Zeren, nola orain egiten duzun guztia, eritu gabe, heriotzako hersturan jarri gabe eta inork bortxatu gabe, libreki eta borondatez egiten baituzu, hura izango da gauza handia, estimatua, indartsua, boteretsua, baliotsua, Jainkoari eder izango zaiona eta merezidun azken zeruko loria erdiesteko. XVI ERREMUSINA EDO LIMOSNA EGITEAZ ETA HANDIK SORTZEN DEN PROBETXUAZ Esaten du Espiritu Santuak (Si 3:33): –Ignem ardentem extinguit aqua, et eleemosyna resistit peccatis. Urak iraungitzen du sua, eta limosnak egiten die bekatuei kontra. Urak sua bezala, limosnak iraungitzen du bekatua. Halaber, esaten du san Mateok (Mt 5:7): –Beati misericordes, quoniam ipsi misericordiam consequentur. Dohatsu dira miserikordiosoak, zeren haiek erdietsiko dute miserikordia. Honen arabera esaten du errege Dabidek ere (Sal 40:2): –Beatus qui intelligit super egenum et pauperem, in die mala liberabit eum Dominus. Dohatsu da beharraren eta pobrearen gainean enplegatzen dena. Zeren hura egun gaitzean, heriotzako orenean begiratuko eta libratuko du Jainkoak. Eta badio oraino Espiritu Santuak (Si 29:15): –Conclude eleemosynam in corde /sinu/ pauperis, et haec pro te exorabit, ab omni malo. Gorde ezazu limosna pobrearen golkoan eta hark egingo dio Jainkoari otoitz gaitz guztietatik begira zaitzala. Alegia, hainbat gauza esaten da limosnaz, non baitirudi ezen batbedera salbatzeko eta arima segurtatzeko aski izango dela, beste gauzarik gabe, bihozbera eta limosnari izatea, zeren handia baita limosnaren indarra eta boterea. Egia da, hala da: handia da, eta Glosak dioen bezala (Glosa iranoa, Eccles. 29), san Agustinengandik aterarik, –Sola misericordia comes est defunctorum. Miserikordia bera da, eta ez besterik, defuntuak akonpainatzen dituena, arima joanei laguntzen diena; limosnak edukitzen du betiere on. Ordea, ez duzu, ez, pentsatu behar limosnak berak, sakramentu batek bezala, ex opere operato, bere indarrez eta boterez bekatua iraungitzen eta barkatzen duela. Ez du berak hartarako indarrik aski (ikus S. Tomas, S. Th., 2-2, 154, 3-7). Alde batetik, duzun guztia pobreei emanagatik, baldin, bestetik, bekatutan bazaude eta haietan hiltzen bazara, deus gutxi baliatuko zaizu zeure limosna eta errukitsu izatea. Hala esaten du jondoni Paulok (1Ko 13:3): –Et si distribuero in cibos pauperum omnes facultates meas, et tradidero corpus meum, ita ut ardeam, charitatem autem non habuero, nihil mihi prodest. Dudan guztia pobreei ematen badiet ere eta neure burua erretzen uzten badut ere, ez zaizkit haiek guztiak deus baliatuko baldin karitaterik ez badut. Esan nahi du limosnak eta beste obra miserikordiazkoak ere deus gutxi baliatzen zaizkiola bekatutan dagoenari. Ordea, guztiarekin ere, anitz eta handiak dira limosnari ematen zaizkion ohoreak, laudorioak eta abantailak. Eta arrazoirekin eta mereziturik ematen zaizkio. Zeren limosnak berak indarrik aski ez badu ere bekatutik ateratzeko, bai, ordea, badu aterarazteko. Zeren badirudi ezen Jainkoak bere ontasunagatik hartzeko duela okasio miserikordioso denari, zeren miserikordioso den, miserikordia egiteko. Zure limosnak, zure bihozberatasunak beratzen eta hausten dio Jainkoari bihotza, eta ematen okasio zu faboratzeko. Zu miserikordioso izateaz gaitzen zara, disposizioan jartzen eta prestatzen Jainkoagandik miserikordia erdiesteko eta errezibitzeko; eta Jainkoa ere hartaz iratzartzen eta ernatzen bezala da zuri ongi egiteko eta bere grazia emateko. Honetarako, egia hau frogatzeko anitz etsenplu aurki daiteke, baina nik orain presenteon ez dut bat baizik ekarriko. Bonifazio martiria denbora batez ibili zen emakume eder, noble, aberats batekin galdua eta haragizko bekatuan barrena sartua. Eta bazuen Bonifazio hark besterik ere anitz bekatu: edale zen, jokari zen, arnegari zen, halakoak ohi diren bezala. Gauza bat zuen ona: bihozbera zen, limosnari zen. Alde batetik bekatu anitz egiten bazuen, bestetik pobreak faboratzen zituen. Eta halatan, bera ere Jainkoak faboratu zuen, bihotzean ukitu zuen, inspirazio santu batzuk, gogoeta on batzuk eman zizkion. Eta gero, haiekin batean konbertitu zen, aitzinera obra onetan enplegatu zen eta azkenean martiri hil zen. Ikusazu zer egiten edo eragiten duen limosnak, miserikordioso eta errukitsu izateak. Hain zaio eder Jainkoari errukia eta beharrari ongi egitea, non bera ere handik errukitzen baita ongi-egile hartaz, eta lehen edo gero erakusten baitio eta ematen bide onean jartzeko bidea. Bonifaziori eman eta erakutsi zion bezala. Ahalegin gaitezen, beraz, eta saia errukitsu eta limosnari izaten, zeren anitz baitira eta handiak handik eta hartatik sortzen diren probetxuak, ontasunak eta irabaziak. Eta beste anitzen artean, hiru dira limosnaren probetxu nagusiak (Eleemosyna est meritoria, satifactoria et impetratoria). Lehenbizikoa: Eleemosyna est meritoria gloriae et augmenti gratiae, si fiat ab homine existente in gratia et propter Deum. Bekaturik gabe dagoela, Jainkoagatik egiten den limosnak merezitzen du zeruko loria eta berretzen Jainkoaren grazia. Bigarren probetxua da: Eleemosyna est satisfactoria pro poenis peccatorum dimissorum. Limosnak satisfatzen eta pagatzen ditu bekatu barkatuen pena tenporalak, guztiak edo parte bat, hemen edo purgatorioetan pagatu behar zirenak. Eta hau da Eskritura Santuak esaten duena (Dn 4:24): Peccata tua eleemosynis redime. Hirugarrena: Eleemosyna est impetratoria. Limosnak anitz ontasun erdiesten du Jainkoagandik. –Beati misericordes, quoniam ipsi misericordiam consequentur (Mt 5:7). Dohatsu dira miserikordiosoak, zeren haiek erdietsiko dute miserikordia. Eta hala, zure limosnak berretzen du zeruko loria eta handitzen Jainkoaren grazia, gutxitzen du purgatorioetako pena eta erdiesten du Jainkoagandik anitz fabore eta ontasun. Jakin dezagun ezen limosnagileari, bihozbera eta errukitsu denari egingo zaiola miserikordia eta, zer ere ematen baitiogu orain hemen pobreari edo beste obra onetan enplegatzen baitugu, hura gero aurkituko dugula beste munduan, eta ez besterik. 1 Jakin dezagun ez diogula pobreari liskarrik edo erantzukirik egin behar eta ez gaizkirik esan. Baldin emateko gaietan bagara edo deboziorik badugu, eman diezaiogun, eta gainerakoan utz dezagun. Zeren pobrea, ongien dena ere, onbehar da eta errukarri. Biluz da, oinuts da, ez du aldatzeko atorrarik eta ez etzateko oherik, ez daki oturuntza on baten berririk. Aski du bere lazeria, eskasia eta miseria. Beraz, ez zaio halakoari liskarrik, erantzukirik edo mehatxurik egin behar. Zeren hala egiteaz, batean ez bada bestean, arriskutan jar zintezke huts egiteko eta pobrea, bere pobretasunaren gainera, bere gogoan eta bihotzean zauritua, gaizkoatua eta tristatua igortzeko. Ez dut uste galdegingo digula Jainkoak ea pobre onari ala gaiztoari eman diogunetz, eman diogunetz baizik. Dagigun ongi, eta ez dezagula beha nori. Aberatsak bezala, pobreak ere Jainkoak eginak dira. Aberatsa hain biluzgorri sortu zen nola pobrea. Eta Jainkoak nahi izan balu, egin zukeen pobrea aberats, eta bai aberatsa ere pobre. Eta hala, orain ere anitzetan haien zortea eta fortuna trukatzen du, pobreak aberasten eta aberatsak pobretzen baititu. Pobreak, pairatuz, pazientzia izanez eta bere ongi-egileez otoitz eginez behar du salbatu, eta bai aberatsak ere bere onetatik pobreari emanez eta partituz. Eta ongi gehiago egiten digu pobreak guri, eskatzeaz eta guregandik errezibitzeaz, guk hari emateaz egiten diogun baino. Zeren guk hari labore poxi bat, kornadu bat edo honelako zenbait beste gauza apur ematen diogu, baina guk handik zeruko loria irabazten dugu. Are gehiago: pobreari emateaz geure deskargua egiten dugu. Zeren Jainkoak orain ematen dizkigun ondasunak eta ontasunak, haietatik geure familia mantentzeko eta estatua edukitzeko behar duguna hartu eta etorkizuneko kasuetarako ere zerbait gelditu, eta gainerakoak pobre beharrenak dira. Ez du, ez, Jainkoak utzi pobreak mundu honetan haberik eta sostengurik gabe: aberatsen gomendioan utzi ditu. Eta halatan, ematen die aberatsei beretzat behar duten baino gehiago, gehiagoko hura pobreetara parti dezaten. Eta handik, esaten du san Krisostomok (56. hom., Joan 14): –Nam si pauperes esse permisit, etiam hoc divitum gratia factum est, ut per eleemosynam peccata possint abluere. Permititzen du Jainkoak munduan izan daitezen pobreak, haiei ongi eginez, salba daitezen aberatsak. Eta Jainkoaren ontasuna eta liberaltasuna hain da handi non, orain zuk dituzun on horiek Jainkoarenak berarenak eta Jainkoak emanak dituzularik, guztiarekin ere, zuk horietatik pobreari ematen diozunean, zeuretatik emango bazenio bezainbat estimatzen baitu Jainkoak. Eta are, handik bere burua zure alderako zordun erakusten du, hain zordun ezen esaten baitu Espiritu Santuak (Es 19:17): –Foeneratur Domino qui miseretur pauperis. Pobreari ematen dionak Jainkoari ematen dio. Eta ematen ere, nola? Foeneratur, zentsuan, interesean, irabazian, obligarazirik bezala printzipala irabaziarekin bihurtuko diola. Eta hemengo irabazia ttipi da, ez da segurtaturik ehuneko bat ere, baina Jainkoarena handi da, gehiago da ehuneko ehun baino. Zer nahi duzu gehiago? Pobreari ematen diozunean Jainkoaren izenean, berari emango bazenio bezainbat estimatzen du Jainkoak; hain ezertan edukitzen du. Eta hau ez da miresteko, zeren orain hemen, gure artean ere, ikusten dugunean ezen gizon batek gure ahaide edo adiskide bati egiten diola gugatik zenbait ongi, guk ere lehenbiziko okasioan errendatzen dizkiogu eskerrak gizon hari; bitartean ez dugu onik, anarteraino geure buruak zordun dauzkagu. Zer egingo die, bada, Jainkoak harengatik pobreak faboratzen dituztenei? Zer esker, zer pagamendu emango die? Jondoni Martinek bere kaparen erdia pobreari eman zionean, abiatu zen Jainkoa gau hartan berean kapa hartaz estalirik, esaten zuela sendagailaz (Sebero, Vita sancti Martini): –Martinus hac me veste contexi. Ikusazue, ikusazue zer balentria egin duen Martinek, nola kapa honetaz estali nauen, zer eman didan. Bada, Martinek kapa hura pobreari eman zion eta ez Jainkoari. Ordea, guztiarekin ere, Jainkoak, zeren haren izenean eman zion, esaten du berari eman ziola. Halatan esango die Azken Judizioko egunean ere eskuinekoei doazela sekulako loriara eta ezkerrekoei sekulako penetara, zeren eskuinekoek gosetu zenean eman baitzioten jatera, eta egarritu zenean edatera, baina ez ezkerrekoek. –Eta, Jauna –galde egingo diote orduan guztiek–, noiz aurkitu zintugun guk zu gose edo egarri? Ihardetsiko die: –Pobreak atera etorri zitzaizkizuenean. Orduan, haien lekuan, ni nintzen han. Eta hala, pobreak eskatzen dizunean, kontu egizu ezen pobre hura dela Jainkoa bera, zeren haren izenean eskatzen dizu, haren izenean ematen diozu, eta Jainkoak ere berari emango bazenio bezainbat estimatzen du. Hala esaten du san Krisostomok (89. hom., Mateo 27): –Nihil nempe interest sive huic pauperi, sive ipsi Christo dederis. Ez du axola pobreari ala Jesukristo berari emateak; ez du batek baino besteak gehiago monta eta ez balio. Guztia da orobat. Eta are, san Krisostomok berak –aurretik abisaturik ez dadila inor hargatik asalda– esaten du (ubi supra): –Nemo his verbis turbetur. Non est aequale, ipsum Dominum praesentem alere, cuius praesentia vel lapideum ad se animum attraheret, et propter eius verba dumtaxat pauperes, mendicos, aegrotos alere atque curare. Ez da berdin, baina aldez gehiago da eta merituago pobreari Jainkoaren izenean ematea, Jainkoari berari bere pertsonan baino. Zeren pertsonak berak eta pertsonaren presentziak hobeki ukitzen du batbedera, pertsona haren beraren presentean ez deneko esanak eta aginduak baino. Eta hala, aldez gehiago da –zeren Jainkoak agintzen duen– pobreari ematea Jainkoari berari ematea baino. 2 Beraz, honelatan, ez da pobrea gabe egozterik eta ez atean oihuz edukitzerik ere. Zeren pobrearen oihuek eta, anitzetan ere, berariaz bere burua hebain, maingu, herbal eta eri egiteak gure bihotzaren gogortasuna eta hoztasuna akusatzen dute. Gu bagina emateko prest, erne eta boluntario, ez lezake pobreak halako pentsamendurik egin eta ez arterik bila. Baldin pobrea bada maleziatsu, bere beharrez eta gure faltaz da maleziatsu; hark baino, guk hartan falta gehiago dugu, bere bizitza ateratzeko hainbat saio egitera behartzen baitugu. Hala esaten du san Krisostomok (37. hom., Ad populum Antiochenum; de eleemosyna et misericordia): –Nam etsi simulat ex neccessitate simulat et egestate, propter saevitatem, et inhumanitatem tuam, quae talibus personis supplicantibus ad misericordiam non flectitur. Pobreari emango diozuna, gutxi edo anitz, emaiozu berehala. Baldin doiez bazara, gutxi baduzu, emaiozu gutxi; eta baldin aberats bazara, gainez egina bazaude, emaiozu anitz. Jerusalemeko tenplua egitean, eta eginez gero ere, bazebilen obraren eskea; eta bazen atearen aldean ere kutxa bat, limosna edukitzeko ontzi bat, hartan batbederak debozio zuena emateko, orain ere gure elizetan gurutzefikaren aldean dagoen bezala. Bada, tenpluko kutxa, ontzi edo kopa hartan, zein juduek deitzen baitzuten gazophilatium, aberatsek ematen zuten anitz: batak hamar, besteak hogei, batbederak bere izanaren, ahalaren eta debozioaren arabera. Eta haien artean ediren zen emakume pobretxo bat, eta hark eman zituen bi kornadu. Eta gero, haren gainean esan zuen gure Salbatzaileak gehiago eman zuela emakume pobre hark aberats guztiek baino, zeren emakume hark beretzat behar zuenetik eman baitzuen, baina aberatsei, emanak emanik ere, franko gelditu baitzitzaien. Emazu, beraz, duzunaren arabera. Zeren hartaz kontentatzen da Jainkoa. Baldin ez baduzu ematekorik, euzu damu, zeren ez duzun; eta damu harekin batean, euzu borondate, baldin bazenu, emateko. Zeren Jainkoak behatzen badu ere emaitzara, ordea, areago borondatera. Ez duenak borondateaz konplitzen du, baina duenak borondatearekin batean behar du konplitu eta obratu. Eta obratu ere, nola? Ez edergailu gisa, ez banaloriaz eta ez munduagatik, baina Jainkoagatik. Eta halarik ere, sekretuki, ahalik eta isilkien, eskuinak ematen duena –Ebanjelioak dioen bezala– ezkerrak jakiten ez duela. Eta are, ahal balitz, limosna errezibitzen duenak ere ez luke jakin behar nondik heldu zaion ontasun hura. Zeren, halatan, Jainkoak berak azken egunean guztiak, zure ohore handitan, mundu guztiaren aitzinean agertuko eta kanpatuko ditu. Eta zuk ere orduan, orain duzun desira –nahi baitzenuke zure limosnak eta egiten dituzun beste obra onak munduak jakin litzan– konplituko duzu, zeren orduan guztiak jakingo eta agertuko baitira. Eta ez da, ez, aski eske etortzen zaizun pobreari ematea eta ez besteri. Baina Jainkoak emanik gehiagoren ere ahala duzunez gero, behar duzu informatu, galdetu eta jakin ea nor den herrian pobre beharrik, gosez denik, sabel-uzkur dabilenik, ahalkez eskatzera ausartzen ez denik. Eta guztien buruan eduki behar duzu kontu ea badenetz pobre eririk. Zeren pobretasuna eta eritasuna bi eritasun dira. Halakoak dira alde guztiz onbehar, zoritxarreko eta errukarri. Haiek faboratzea da meritu handia, eta zeruko loria erdiesteko eta, are, mundu honetan dituzun ondasunak ere segurtatzeko, berretzeko eta emendatzeko bide ona, zabala eta segurua. 3 Batzuek uste dute ezen pobreari emateaz pobretuko direla. Eta halatan esaten diete eske etortzen zaizkienei, Ebanjelioko bost birjinek bere lagunei bezala (Mt 25:9): –Ne forte non sufficiat nobis et vobis, ite potius ad vendentes. Zoazte hortik! Jainkoak lagun diezazuela! Emateak gutxitzen ditu gauzak, ez dugu geuretzat ere sobera. Ez dute kontsideratzen pobreari emateak ez pobretzen baina aberasten, ez gutxitzen baina berretzen duela. Hala ematen du aditzera Espiritu Santuak (Es 28:27): –Qui dat pauperi non indigebit, qui despicit deprecantem sustinebit penuriam. Beharrari emailea ez da beharrean jarriko; emaile ez dena azkenean behar izango da. Gehiago dio Espiritu Santuak (Es 11:24): –Alii dividunt propria, et ditiores fiunt; alii rapiunt aliena, et semper sunt in egestate. Batzuek bere ondasunak banatzen eta ematen dituzte, eta guztiarekin ere, beti dira aberats; eta, berriz, beste batzuek nola bereak emango dituzten, ezen besterenak ebasten dituzte! eta halarik ere beti dira erromes, noharroin eta onbehar. Baitirudi ezen haiek, hartuz, pobretzen eta besteak, emanez, aberasten direla. Amak haurrari titia ematea bezala da pobreari ematea ere. Ama haurrari titia emateaz esnaltzen da; ez emateaz antzutzen da. Halaber, ereitea bezala da pobreari ematea (Sal 125:6-7): –Euntes ibant et flebant mittentes semina sua. Venientes autem venient cum exultatione portantes manipulos suos. Bihika ereiten zuten, eta eskumenka biltzen. Ereiten bihi bakoitzak eta biltzen buru beteak, botean hiru-lau zituztenak. Halaber, badira ur-putzuak, berariaz eginak, zimenduan iturria baitute. Bada, gauza frogatua da, putzu haietatik urik ez ateragatik ere, ez dela ura handitzenago, eta ez, ateragatik ere, ongi ateratzera, ttipitzenago, zeren ateratzen bezainbat sortzen baita. Hala dira, bada, beharrei emaileak ere: ematen duten bezainbat ematen zaie. Eta ematen ez badute, bihotz-gogor badira, ez dira hargatik aberastenago, pobretzenago baizik. Zeren haserretzen da Jainkoa berak emanetatik eman nahi ez diozunean. Hala haserretu zen aberats zikoitzaren kontra. Zeren aberats hartaz esaten badu ere Ebanjelioak (Lk 16:19): Induebatur purpura et bysso, et epulabatur quotidie splendide –beztitzen zela ongi eta oturuntzatzen hobeki–, ezin esan daiteke, ordea, hargatik joan zela infernura. Zeren ederki beztiturik ibiltzea eta mahai ona ere edukitzea badirudi ez dela bekatu handi; behintzat, munduak ez dauka hala. Bada, Ebanjelioak ez du esaten beste faltarik zuela aberats hark. Zergatik, bada, kondenatu zen? Aditzen da kondenatu zela zeren etxe-atera eske etorri zitzaion pobre gose premian zegoenari ez baitzion bere mahai asetik asetzekorik eman eta ez, are, elikatzekorik ere. Handik bere burua eta ondasunak ere galdu zituen. Handik pobretu zen, eta hain pobretu non, azkenean, bere mihia hezatzeko eta freskatzeko ur-xorta bat ere ezin izanezko pobretasunera etorri baitzen. Nola egiten baitu galtzapen eta beheratzapen handia pobreari gibela ematen dionak, hala egiten du goratzapen miragarria pobre beharrari bere beharra estaltzeko ematen dionak. Eta goratzapen hura eta handik heldu den irabazia galtzen du bihotz-gogorrak, limosna egiteko gogorik ez duenak. Eta egiteko gogo duenak ere, baldin berak bere eskuz, bizi deno, egiten ez badu, seguru da irabazi haren parte handi bat edo parterik gehiena galtzen duela, honen ondoko kapituluan ageriko den bezala. XVII NOLA LIMOSNAK ETA BESTE OBRA ON BORONDATEZKOAK ERE ZERORREK ZEURE ESKUZ EDO BESTERENEZ, ZERORI BIZI ZARELA, ONDOKOETARA UTZI GABE EGIN BEHAR DITUZUN Gauza segurua da eta batere dudarik ez duena probetxuago eta merituago izango duzula orain zerorrek, bizi zarela eta osasuna duzula, zeure eskuz pobreari ematen diozunaz, ezen ez gero hiltzerakoan ordenatzen diozunaz. Ordea, zuk oraingo eta geroko franko duzularik, orain ez bat ere, baina gero, biziaz etsi duzunean, egin gogo dituzu liberaltasun handiak. Aberats zara, on handiak dituzu, eta baduzu, bai, borondate on horietatik pobreetara partitzeko. Ordea, noiz? Gero, hiltzerakoan. Bitartean esaten duzu: –Neure ondasunak neuk nahi ditut gozatu eta maneiatu; ez dut oraino gabetu nahi; ez dut ohera gabe biluzi nahi. Baina gero, neure azken ordenuan eta testamentuan aginduko diot neure ondokoari, neure onekin utziko dudanari, egin ditzala ene deskargu guztiak. Eta are gehiago, abisatuko diot –suma bat seinalatuko baitiot– suma hura pobreetara parti dezala; eta benturan purgatorioetaratzen banaiz ere (zeren, gaiztoeneko kontuan, guztiok purgatorioetara uste dugu), berehala handik ateratzeko, honenbat meza eta trentena emanarazi diezazkidala; eta besterik ere anitz obra on ene izenean, ene onetatik dagiela. Honela diozu egingo duzula. Zure ongi guztiak bestek, zure ondokoak, eta zeuk ez bat ere. Bada, ez zatekeen hobe obra on horiek guztiok zerorrek, bizi zinela, zeure eskuz egitea eta, horien bidez, purgatorioetara joan gabe egotea, ezen ez gero haratzen zarenerako erremedioak egitea? Preso zarenerako erremedioak bilatzen dituzu eta ez preso sartzetik begiratzekoak. Are gehiago: limosnak eta beste obra onak ondokoetara uzteaz ematen duzu aditzera gibeletik eta urrutitik nahi duzula argi diezazuten. Zer esango zenuke, baldin gau ilunean, pausu hertsi, gaitz, arriskutsu batean iragan behar duenak esan baliezaie bere mutilei egon daitezela gibelean eta gibeletik eta urrutitik degiotela argi? Hala dira, bada, bere limosna eta beste obra miserikordiazkoak berek bere eskuz egin ditzaketelarik, bere ondotik, urrutitik eta hilez gero, besteren eskuz, besteri eginarazteko gogo dutenak ere. Hura da hurran-hurran, esan komuna den bezala, «usoak joan, sareak heda». Eta badio san Basiliok ere (7. hom., Contra divites avaros): –Nemo post vitam, pietatis laudem, praemiumve capiet. Ez du inork hil ondoko limosnaz, limosnagile izan delako, laudoriorik izango. Hobeki egin zenezake eta segurkiago joka, baldin gero, besteren eskuz egin gogo duzuna orain zeurez, zeuk ikusten duzula, egin bazeneza. Zeren oraino san Basiliok dioen bezala (7. hom., Contra divites avaros): –Quis exitus tui tempus nuntiabit? Quis de mortis genere sponsor? Quot vides repentino, ac vi, casuque extingui, qui prae doloris et spiritus angustia, nec vocem quidem emittere potuerunt? Quot etiam febris a sensu alienos fecit? Quid igitur, expectas tempus, in quo, saepe, rationis tuae compos non eris? Zuk baitiozu ezen hiltzerakoan zeure on guztiak edo parte bat pobreei ordenatuko dizkiezula, orduan ongi handiak egingo dituzula. Esadazu: “Nondik jakingo duzu edo nork abisatuko dizu noiz edo zer moldez hilko zaren? Nor duzu hartako fiadore? Zenbat ikusten ditugu ustekabean, laburzki, kolpez edo estropuz, mintzatu ere gabe hiltzen direla? Eta bai, halaber, sukarrak nahasirik, bere testamentuak hasi eta bukatu gabe gelditzen direla? Zergatik, bada, nahi duzu zuk ere benturaz zeure adimenean egongo ez zaren denborarako eta astirik ere izango ez duzunerako zeure egitekoa eduki eta luzatu?”. 1 Goazen aurrerago. Oraino orduan, hiltzerako aitzinean, adimen, memoria eta asti bazenu ere, esan nezake zure orduko limosnak deus gutxi balio duela, zeren baitirudi ezen bortxazkoa dela eta ez borondatezkoa, guztiz ere, lehen egin zenezakeelarik, berariaz anarteraino luzatu duzunean. Zeren orain zeure ondasunak ez dituzu gutxitu nahi, ezin erabaki dezakezu hartara; bada, badirudi ezen gero ere, hil uste ez bazenu, ez zenezakeela erabaki eta ez haietatik eman. Are gehiago, zure orduko, azken oreneko onen emate eta banatze hark badirudi deus gutxi balio duela zuretzat, zeren zure onetatik eta zure izenean egiten bada ere banatze hura, ordea anitzetan ere ez baituzu zeuk egiten. Herioa hurbiltzen zaizunean, nola ataka hertsian eta pausu gaitzean iragan behar baituzu eta bitarteko doloreak ere handiak baitira, orduan zeure onez kontu gutxi egiten duzu, zeren handiagoak ahantzarazten baitizkizu. Orduan zeure ondokoei eta han presentean aurkitzen direnei, zer ere nahi baitute eta nola behar dela ikusiko baitute, hala dagitela uzten diezu. Hain nekez eta penaz bildu zenituen ondasunak eta ontasunak, eta hain zuhurki eta maiteki begiratzen zenituenak, gero, hain laxoki eta antsikabeki largatzen dituzu; lehen zein hertsi eta atxiki baitzinen, gero hain franko eta liberal egiten zara. Orduan nork zer esaten baitizu, hura laudatzen duzu; eta anitzetan ere, zer esaten duzun ez dakizula, baietz esaten duzu. Neure mendean anitz ikusi dut halakorik. Eta hala, badirudi ezen orduan egiten duzun guztia bestek egiten duela, eta ez zuk. Ikusazu, bada, ea zer probetxu eta merezimendu ahal dukezun bestek egiten duen ongiaz. Arrazoirekin esaten du Espiritu Santuak (Si 14:13): –Ante mortem bene fac amico tuo, et secundum vires tuas exporrigens da pauperi. Heriotzara baino lehen egiozu ongi zeure adiskideari, eta duzun indarraren arabera heda iezaiozu zeure eskua pobreari. Egun batez egin zion otoitz santa Luziak bere amari gero egin gogo zuena, gerorako begira egon gabe, egun beretik egin zezala; eritasunaren eta heriotzaren hersturan jarri gabe, sendo zela, berak bere eskuz bere ondasunak pobreei bana ziezazkiela. Baina ihardetsi zion amak orain ohiko den bezala: –Ene alaba, itxaron ezazu oraino apur bat; ni zahartu naiz, sarri hilko naiz, eta orduan, guztiak zerorri geldituko baitzaizkizu, zerorrek egingo duzu plazer duzuna. Erantzun hau bere amak eman zionean, lehiatu zitzaion berriz alaba, esaten ziola (L. Surio, Vita S. Luciae, abenduak 13): –Non est admodum gratum, o mater, Deo munus quod qui offert, ideo offert, quia illius usum suprema interdicit dies. Ene ama maitea, badirudi ezen ez zaiola Jainkoari eder eta ez plazent pertsonak berak ezin goza dezakeen gauza ematea eta presentatzea. Da dum sana es, ne si moriens dederis, invita dedisse arguaris: Emazu beraz, ama, sendo zarela, ez degizuten erantzuki edo esan ez diezazuten hiltzerakoan ematen duzuna bortxaz ematen duzula. Arrazoi hauek aditu zituenean amak, egin zuen alabak nahi zuen guztia, eta berehala, gerorako begira egon gabe, berak bere eskuz banatu zituen bere ondasunak pobreen artean. Orain hemen benturaz esango du zenbaitek: –Beraz, honelatan, eriek bere eritasunetan eta azken ordenuetan egiten dituzten legatuek, emaitzek, eskaintzek, limosnek eta beste obra miserikordiazkoek ez dute deus balio. Bada, ordea, ordukoek ere balio dute. Ordea, lehenagokoek gehiago. Hala esaten du san Krisostomok (18. hom., Epist. ad Romanos 11): –Melius quidem fuerit, multumque afferens fiduciae, dum adhuc vivis, paupertati egentium succurrere. Si vero istud nolueris vel moriendo generosum quid facias; id enim, licet non multum habeat dilectionis, aliqua tamen est dilectio. Hobeago, merituago eta bihotz altxagarriago bazatekeen ere zerorrek zeure eskuz bizi zinela eta sendo zinela pobrea faboratzea, ordea, guztiarekin ere, lehen huts egin baduzu ere, ez dezazula hiltzerakoan bederen huts egin. Egizu orduan zenbait liberaltasun; zeren orduan egiten denak ere, ez anitz, baina zerbait balioko du. Jainkoaz oroitzen zarela aditzera emango du. Gehienik, osasuna duguno eta geure eskuz, baina gero, ondotik ere eta besteren eskuz ere, dagigun ahal dagiguna. Mundu hau bideazkoen ostatua da; iragaitzaz gara hemen. Gure sekulako ostatua, herria eta etxea beste munduan da. Eta inork bere herrira eta betiereko behar duen etxera igorri ohi du aitzinetik ahal duena, eta bai gero deus gelditzen bazaio, bera doanean, berarekin ere eramaten. Hala egin behar dugu, bada, guk ere. Orain sendo gareno gehienik, baina gero eritasunean eta hiltzerakoan ere egin behar dugu ahal dagiguna. Igor dezagun aitzinetik, eta daramagun geurekin ere. Baina limosnak eta beste obra on miserikordiazkoak eta borondatezkoak utzirik, zeren ez baita haietan hainbat arrisku, mintza gaitezen hurrengo kapituluan obra justiziazkoez eta obligaziozkoez, eta dakusagun nola guztien gainetik haiek geure eskuz egitera, ondokoetara utzi gabe, garen obligatuak. XVIII NOLA OBRA OBLIGAZIOZKOAK, KONTZIENTZIAZ ZOR DITUZUNAK, ONDOKOETARA UTZI GABE ZERORREK EGIN BEHAR DITUZUN Baldin obra miserikordiazkoak –nola baitira pobreak faboratzea, biluziak beztitzea, gose eta egarri denari jatera eta edatera ematea– batbederak berak bere eskuz, bizi dela, irabazi handirik egiteko egin behar baditu, zenbatenaz berak bere eskuz ondokoetara utzi gabe egin beharko ditu obra obligaziozkoak, justiziazkoak eta kontzientziaz zor dituenak –nola baitira ebatsiak bihurtzea, zorrak ordaintzea, erauzi dituen falso testimonioak satisfatzea eta eragin dituen kalteak eta gaiztakeriak erremediatzea–? Baldin obra miserikordiazkoak zerorrek zeure eskuz egiten ez badituzu eta ez besteri ere eginarazten, egia da, ez duzu orduan merezimendurik izango, baina ez bekatu mortalik ere. Zeren obra miserikordiazkoak hargatik deitzen dira miserikordiazkoak eta ez justiziazkoak, zeren zenbait behar-ordu estutan eta premiazkotan baizik ez baikara obligatuak haiek egitera. Baina obra justiziazkoetan diferenteki mintzatu behar dugu. Zeren haiek konplitzera obligatuak gara bekatu mortalen penan. Eta ez duzu, ez, pentsatu behar ondokoetara uzteaz konplitzen duzula, ez eta ondoko haiei zertaz paga esleiturik, berezirik eta seinalaturik uzten badiezu ere. Zeren nola, esan komuna den bezala, otsoak jan baitezake ardi kontatuetatik, hala zure ondokoak ere gorde dezake beretzat zuk besterentzat seinalatuetatik. Eta zertarako ibili behar zara seinalatze-lanetan eta besteri kargu-emanketan? Ordain ezazu zerorrek, zeuk zor duzunez geroztik. Esango duzu: –Ez dut, ordea, zertaz paga. Baldin ez baduzu, ezinak ez du legerik. Orduan ez zara obligatua pagatzera pagatzeko ahala dukezun arte. Ez eta ez zara obligatua pagatzera, baldin hartzekodunak berak kitatzen bazaitu edo barkatzen badizu. Are gehiago, hartzekodunak, ez ezinbestez edo bortxaz, baina bere nahiz eta borondatez itxaroten dizunean eta ematen epe, orduan luza dezakezu ordainketa epe hartaraino, baina ez gehiago. Paga ahal dezakezula, pagatu gabe, jabearen borondatearen kontra ona edukitzea bekatu da. Eta hau hain ongi aditzen da zor jakinaz eta aitortuaz, nola gauza ebatsiaz eta isilik eramanaz. Hain ongi ordaindu behar da bata nola bestea. Eta ez da, ez, aski aitorra ematea, eta ez, gero, zeure ordenuan eta hiltzerakoan, bihurtzeko eta pagatzeko gogo eta borondate izatea ere. Baldin ahal baduzu, zerorrek bizi zarela eta ahalik eta azkarren ordaindu behar duzu zeure zorra, eta bai bihurtu ere gauza ebatsia eta gaizki eramana. Ez da aski ondokoei kargu uztea. Hala ematen du aditzera doktore Navarrok (M. Azpilkueta, Compendium Manualis, 17. k., 68): –Decedentes et vita, cum possint et non restituunt, sed legant in testamento, non secure decedunt. Hiltzerakoan, berek paga dezaketelarik pagatzen ez dutenek baina bere testamentarioei, ordenu-betearazleei eta ondokoei uzten dietenek ez dute ongi egiten; ez dira halakoak bere kontzientzietan mundu honetatik seguru partitzen. Gehiago dio doktore Navarrok leku berean (17. k., 65): –Qui alienum iniuste retinet, et scit illud se debere, si expectat donec condemnetur per iustitiam, peccat mortaliter. Zordun dela dakienak eta justiziaz kondena dezaketen arte pagatu nahi ez duenak bekatu mortal egiten du. Batzuek bekatu baderitzote ere gauza ebatsiak ordaindu gabe edukitzeari, ez, ordea, ez deritzote bekatu zor jakina eta aitortua luzatzeari. Esaten dute: –Badakit eta badaki zor dudala; aitortzen diot, ez diot ukatzen, eta badut pagatzeko gogo eta borondate. Iruditzen zaizu ezen baldin aitorra ematen baduzu eta ordaintzeko gogo baduzu, hainbestez konplitzen duzula. Baina engainatzen zara. Zeren, bataz, gogoa bera ez da aski eta ez aitorra ere; zeren zure gogoaz eta aitorraz ere probetxu gutxi du hartzeko duenak pagamendurik ez denean. Eta berriz, bestea, sendo dela, pagamendua egin dezakeelarik, eritu arte egin nahi ez duenak ematen du aditzera, baldin eritasunik ez balitz eta eritasunak ondorerik ez balu, kontu gutxi egingo lukeela. Eta hala frogatzen da halakoetan; zeren eritasunetik eskapatzen direnean, iruditzen zaie ezen, aldi hartarako, berriz eritu arte seguru direla eta kito. 1 Nahi duzu zuk ezen egin behar zenuen deskargua eta egin ez duzuna zure ondokoak egin dezan. Bada, uste duzu zure dirua edo hazienda, zuk zeure ondokoari zeure zorra eta obligazioa pagatzeko uzten diozuna ez zaiola zure ondoko hari ere zuri bezain on, gozo eta eder irudituko? Ez duzu uste, ez duzu pentsatzen, zuk bezala, hark ere bere denboran gozatu nahiko duela? Eta esango ere bai bere baitan: “niri neure aitzinekoak utzi didan hazienda hau, naski, gaizki eta bidegabeki beretakotua zuen, eta guztiarekin ere ez zuen satisfatu eta ez bihurtu. Beti berarekin eduki zuen. Bada, ez naiz ni hura baino obligatuago. Egia da: hark, nola haren ondokoa bainaiz, agintzen dit bihur dezadala; hala, bada, aginduko diot nik ere neure ondokoari. Baina bitartean ene aitzinekoak bezala, gozatu nahi dut nik ere, eta eduki neure denboran”? Ikusazu nola batak besteagana utziz ez den deskargurik egiten. Eta nola, halaber, handik eta halatan zuk zeure burua galtzen duzun eta zeure ondokoa ere galtzeko arriskutan ipintzen duzun. Zeren arrisku baita zuk baino gehiago ez dezan hark ere deskargurik egin. A! Zenbat trentena, zenbat arimakari, zenbat deskargu dagoen egin gabe, batak besteagana utziz eta guztiek utziz! Ez da puntu honetara gaizki heldu Pierres Damiano deritzan doktore batek kontatzen duena (5. ep., 8. k. & ref. san Antonino, Secunda pars totius summe maioris, 1. k., 5). Dio doktore honek ezen behin gizon santu batek ikusi zuela bere espirituan, ametsetan bezala, infernuko suaren erdian eskailera bat, eta eskailera haren lehen pausuan eta mailan zegoela konde bat, jaun handi bat. Eta gero ikusi zituela, halaber, zazpi konde, etorki berekoak, bata bestearen ondoan, eskailera hartan berean zeudela, zeren bata bestearen oinordeko, ondoko eta elkarren onen premu eta jabe baitziren. Eta lehenbizikoak gaizki eta bidegabeki beretakotu zuena eta satisfatu gabe utzi, hala bigarrenak, hirugarrenak eta zazpigarrenak ere utzi baitzuen, ez baitzuen batek ere deskargurik egin. Eta halatan, guztiak bata besteari zerraizkiola kondenatu ziren Hala gertatzen da, bada, egungo egunean ere jende batzuen artean. Egiten dituzu ohoinkeriak, goraturik eta bortxaturik dauzkazu besteren ondasunak, eta zuk, edo ez duzu kasurik egiten edo uzten dituzu pagatu gabe zeure ondokoaren esperantzan, eta bai hark ere besterenean, eta hala-hala besteak ere. Eta handik, eta halatan, batak besteagana utziz eta guztiek utziz, uzten dira deskarguak egin gabe. Ez zuen hala egiten Zakeo aberats hark, esaten zuenean (Lk 19:8): –Ecce dimidium bonorum meorum do pauperibus, et si aliquem defraudavi reddo quadruplum. Neure onen erdiak ematen dizkiet pobreei, eta baldin inor engainatu badut, bihurtzen dut lau doble. Ez du esaten dabo, «emango dut», ez da gerorako mintzo; presentean esaten du, do, «ematen dut»: –Eta baldin deus gaizki eramatea gertatu bazait, hura ere neure eskuz, bizi naizela, eritu baino lehen, neure ordenu-betearazleetara eta ondokoetara utzi gabe, reddo, neuk bihurtzen dut. Hala, borondatezko obrak nola obligaziozkoak, berak bere eskuz egiten zituen. Eta hala egin behar ditu nork ere nahi baitu merezimendu handirik erdietsi eta bere kontzientzia segurki segurtatu. Irakurri izan dut ezen behin gizon batek zituela hiru aztore onak eta famatuak. Eta bere azken finean, haietatik bata utzi zuela, zor bat baitzuen, hura ordaintzeko; bigarrena, seme bat baitzuen, harentzako; eta hirugarrena, arimakari, mezatan enplegatzeko. Eta gero, handik laster, aztore haietatik bata joan baitzen airaturik eta ez gehiago bihurtu. Esan zuen semeak joan zen aztore hura zela haren aitak arimakari utzi zuena. Ez zuen esan berarentzat utzi zuena zela. Ez zaitezela zeure ondokoaren esperantzan eta hark egingo duen deskarguan fida. Zeren baldin zerorrek, bizi zarela, zeure arimaz orain konturik egiten ez baduzu, eta zeuk egin duzun falta zeuk erremediatzen ez baduzu, ez dezazula pentsa, ez dakizula irudi gero, zure ondotik, zure ondokoak zuk zeuk baino hobeki egingo duela. Guztiok nahi dugu salbatu, guztiok nahi dugu joan paradisura eta guztiok dugu esperantza. Baina esperantza hutsala, alferra eta, irudiz, probetxu gutxikoa du, deskarguak egiteko dituelarik eta berak egin ditzakeelarik, egin gabe ondokoetara uzten dituenak. Bat dugunean, bi nahi ditugu; bi ditugunean, hiru. Ongi edo gaizki, zuzen edo makur, plazer zaigu hartzea eta berretzea, baina gaitz eta gaitzi gutxitzea eta bihurtzea. Hartan min hartzen da. Bada, min hartuko bada ere, bihurtu behar da, satisfatu behar da. Eta hobe da batekin joan zaitezen paradisura, hamarrekin infernura baino. Eta hobe da, halaber, utz diezaiozun zeure umeari edo ondokoari gutxi eta on, ezen ez anitz eta gaizto. Gutxi haiek, ongi irabazi haiek, deskarguak eginik eta nori berea errendaturik geldituko zaizkion apur haiek batuko dira, berretuko dira, gurenduko dira. Baina beste guztiek fin gaitz egingo dute; haietatik hirugarren belaunekoek gutxi gozatuko dute. Ikusazu, bada, egizu gogoeta ea zorrik edo besteren onik, gaizki eramanik, baduzunetz. Eta haiek obligaziozkoak baitira eta ez borondatezkoak, haiek guztien gainetik, zeuk, bizi zarela, zeure eskuz, besteren peskizan eta esperantzan utzi gabe, ordain itzazu, iraungi itzazu. Zeren halatan, zeure umeak, premuak eta ondokoak arrisku handi batetik aterako dituzu, eta zerori ere, aitzinetik deskarguak eginik, aisia handi batean eta salbamenduko bidean oraindanik jarriko zara. XIX ZENBAT KALTE EGITEN DUEN JURAMENTUAK ETA JURAMENTU EGITEKO OHITURAK, ETA NOLA BEHAR DEN LEHEN BAINO LEHEN OHITURA HURA UTZI Nola gure lehenbiziko aita hark gure izaera hau bere bekatuaz narriatu, arrazatu eta eriarazi baitzuen, handik gara hain arranguratsu, intziritsu eta onbehar. Handik gara ontasunera baino gaiztotasunera eroriagoak, isuriagoak eta emanagoak. Handik dugu adimenean itsutasuna, borondatean malezia eta memorian ahultasuna. Handik heldu da, halaber, gezur esatea, elkar ez sinestea eta, konfiantza gabe, beti goganbehartsu ibiltzea, zein baita kalte handia elkarren artean bizi behar dutenentzat, hain handia non goganbehartsu, irudikortsu eta konfiantza gabe bizitzea ez baita bizitze. Bada, kalte handi hau erremediatzeko aurkitu zuen Jainkoak bide bat, zein baita juramentua: ikusten duzunean ez zaituztela sinetsi nahi eta premia dela sinets zaitzaten, egin dezazun orduan juramentu, egin dezazun zin, ekar dezazun zeure esanaren lekuko Jainkoa, gezurrik ezin esan dezakeena eta gauza guztien berri dakiena, eta, halatan, lekuko harekin batean eman diezazuten zeure esanean fede eta sineste. Honetarako esan zuen Jainkoak berak (Dt 6:13): –Dominum Deum tuum timebis, et per nomen eius iurabis. Izango zara zeure Jainkoaren beldur, eta egingo duzu haren izenaz juramentu. Ez duzu egingo juramenturik jainko faltsuez, zeren hartan bidegabe egin zeniezaioke egiazko Jainkoari, hari dagokion ohorea besteri emateaz. Zeren nola juramentu egiten duzunean, ekartzen baituzu Jainkoa zeure esanaren lekuko –zeren hura da juramentu egitea: Iurare est Deum in testem adducere–, eta hartan ematen baituzu aditzera Jainko hura dela egiatia eta gauza guztien berri dakiena, zein baita ohore handia Jainkoarentzat, ez da arrazoi eman dakion ohorerik besteri. Eta hala, juramenturik egiteko, egiazko Jainkoaz egin behar da, eta ez bestela eta ez bestez. Egia da: egin daiteke juramentu zeruaz, lurraz, santuez eta beste kreaturez ere; ez, ordea, haiei Jainkoari dagokion ohorerik ematen zaiela, halako agurrik egiten zaiela, baina Jainkoaren kreatura bezala eta Jainkoak haietan parte duen bezala. Halatan egin daiteke haietaz juramentu, eta ez bestela (ikus san Tomas, S. Th., 2-2, 89, 6: 1). Ordea, badirudi ezen orain Lege Berrion ezin egin daitekeela inolaz ere eta inortaz ere juramenturik. Zeren Jainkoak berak esaten du (Mt 5:34): –Ego autem dico vobis non iurare omnino. Esan bezate bestek nahi dutena, baina nik diotsuet zuei ez dagizuela inolaz ere juramenturik. Honen arauaz esaten du jondoni Jakue apostoluak ere (St 5:12): –Ante omnia autem, fratres mei, nolite iurare, neque per caelum neque per terram, nec aliud quodcumque iuramentum. Sit autem sermo vester: est est, non non. Guztien gainetik gomendatzen dizuet, neure anaia maiteak, ez dagizuen batere juramenturik, ez zeruaz, ez lurraz eta ez bestez; baina biz zuen hizkuntza, solasa eta mintzaira: “ez, ez”, “bai, bai”. Beraz, honelatan, badirudi ez dela batere eta inolaz ere juramenturik egin behar. Egia da: hala dirudi eta hala da. Ez da batere juramenturik egin behar premiarik ez denean eta egia bestela froga daitekeenean. Baina premia denean eta egia frogatzeko beste biderik ez denean, egin daiteke eta egin behar da juramentu. Zeren juramentua, bere etorkiz, naturaz eta izanez, Jainkoa ohoratzeko, eta bere xedez eta intentzioz, egia baliarazteko eta auziak eta diferentziak iraungitzeko eta erabakitzeko ordenatua da. Halatan esaten du errege Dabidek (Sal 62:12): –Laudabuntur omnes qui iurant in eo. Laudatuak izango dira Jainkoaz juramentu egiten dutenak. Eta badio jondoni Paulok ere (Heb 6:16): –Homines per maiorem sui iurant, et omnis controversiae eorum finis, ad confirmationem, est iuramentum. Gizonek berak baino handiagoaz egiten dute juramentu, eta haien diferentzia guztien amaiera eta akabatzea juramentua da. Zeren juramentura emanez gero, zin eginaraziz gero, ezin dateke gehiago auzirik. Eta hala, gauza ona, santua eta Jainkoak berak ordenatua da juramentua. Ordea, hargatik egin daiteke, bai, juramentuan bekatu. Zeren gauza ona eta santua da gorputz santua errezibitzea ere; ordea, aditzen da ongi eta santuki errezibitzen denean, eta ez bestela. Hala da, bada, gauza santua eta ona juramentua ere, ongi egiten denean. 1 Juramentuak ongi, zuzenki eta behar den bidean egina izateko behar ditu hiru gauza, hiru lagun eta sostengu: egia, premia eta zuzena. Hala esaten du Jeremias profetak (Jr 4:2): –Iurabis: vivit Dominus, in veritate, et in iudicio et iustitia. Lehenbizikorik, juramentua behar da egin egiaz, eta segurki egiaz, eta ez dudan. Zeren bestela egiten den juramentua, den gauzarik ezdeusenaren gainean izanagatik ere, bekatu mortal izango da. Gezurrez juramentu bat egitea, munduak hala ez badauka ere, bekatu handiagoa da lagunaren ona ebastea baino, eta bai edozein emakumerekin parte izatea baino ere, zeren juramentuak Jainkoa bera bere pertsonan ukitzen du, baina beste bekatu hauek ez diote hain arras ematen, ez zaizkio hala hurbiltzen. Ipin baleza errege batek legea ez diola inork ere, biziaren penan, inori belarrondokorik emango, eta guztiarekin ere gerta balekio zenbaiti ematea zenbaiti, halakoak bidegabe egin liezaioke erregeri, zeren haren lege eta manamendu hautsi baitu. Baina areago egin liezaioke baldin errege berari bere pertsonan eman baliezaio. Hala da, bada, gezurrez juramentu egitea. Hartan Jainkoa bera bere pertsonan ukitzen da. Zeren Jainkoa izendatuki, gezurraren aitor eta lekuko ekartzen baita, zein baita bekatu handia eta itsusia. Beraz, honelatan, juramentu egiten duzunean, lehenbiziko gauza: behar duzu egin ez gezurrez eta ez dudan ere, baina, ustez bederen, egiaz eta egiaren gainean. Bigarrena: egiaz eta egiaren gainean ere, ez da, ez, berehala, hutsalean, premia gabe eta aitzin-gibel behatu gabe egin behar juramentua. Baliatu behar da juramentuaz purgaz bezala. Purga ezinbestez, eri zarenean, premia duzunean hartzen duzu, eta orduan ere ahalik eta gutxiena eta berantena. Eta baldin gabe iragan ahal bazintez, ez luke hark bere parerik; are, hura hobeago. Hala egin behar da, bada, juramentua ere: ezinbestez, premiaz, zeure ohoreaz dihoakizunean eta justiziak hartara zuzenki behartzen eta errekeritzen zaituenean. Zeren bestela, baldin «ez» eta «bai» asko den lekuan egiten baduzu juramentu, egiaren gainean izanagatik ere, bekatu benial bederen egingo duzu. Ez da edireten egin zuela egundaino jondoni Paulok juramenturik idatziz baizik (san Tomas, S. Th., 2-2, 89, 6: 1), zeren idazten den gauza hobeki pentsatzen eta kontsideratzen baita berehala solasean esaten dena baino, eta bai, halaber, halatan huts ere gutxiago egiten. Ustez, bederen, egiaz eta premiaz behar duzu egin juramentua. Hirugarrena: ez da, ez, aski egiaz eta premiaz ere juramentua egitea; baina egin behar da gauza onaren eta justuaren gainean, eta ez gaizki egiteko kontuan. Egiten duzunean juramentu hautsi behar diozula pertsona bati burua edo beste gaizki bat egin behar diozula, bekatu egiten duzu halako juramentua egiteaz, eta are bekatuago hura konplitzeaz. Eta baldin uste baduzu edo sinesten baduzu obligatua zarela konplitzera, hirugarren batez kargatzen zara. Halaber, egiten duzunean juramentu zenbait ongi ez egiteko, pobreari ez deus emateko, inori ez deus prestatzeko edo elizaz obligatua zarenean baizik ez barautzeko, bekatu egiten duzu halako juramentuak egiteaz, benial bederen, eta ez zara obligatua haiek konplitzera. Eta hobe ez konplitzea. Halaber egiten baitituzu beste juramentu batzuk deus balio ez duten gauza batzuen gainean, ez baita haiek hausteaz kalterik eta ez konplitzeaz probetxurik, nola baita mahaian jartzean ez zarela lehenik jarriko, etxean sartzean ez zarela aitzinean sartuko, edatean ez duzula lehenik edango. Honelako juramentu hauek egiteaz ez da bekaturik, behintzat mortalik, eta ez ez konplitzeaz ere. Jondoni Petrik esan baitzion zin-zinez, juramentu eginik bezala, bere nagusiari (Jn 13:8): –Non lavabis mihi pedes in aeternum. Ez dizkidazu sekulan zuk niri oinak garbituko. Utzi zizkion guztiarekin ere garbitzen, eta ez zuen hartan bekaturik egin. Zeren honelako juramentu hauetan ematen da aditzera, geure aldetik denaz bezainbatean, kortesiaz hala nahi genukeela. Ordea, utz ditzakegu geure buruak bekaturik egin gabe garaitzen, jondoni Petrik utzi zuen bezala. Eta zeren juramentu batzuk baitira presenteko gauzez, beste batzuk etorkizunekoez, guztietan behar da egia. Eta etorkizunekoak behar dira egin gauza onaz, maleziarik gabe, engainurik gabe eta konplitzeko borondatearekin, baldin konplitzeaz zenbait kalte, inork lehen uste ez zuenik, sortzen eta agertzen ez bada, nola agertu baitzen Herodesek egin zuen juramentuan. Herodesek, benturaz gogoan gaitzik ez zeukala, prometatu zion juramentu eginik neskatxa dantzari bati emango ziola eska zezan guztia. Eta oraino orduan on zen juramentua. Ordea, gero, eskatu zionean jondoni Joanes Bataiatzailearen burua, galdu zuen juramentuak indarra; ez zen konplitu behar. Halaber, badira beste juramentu batzuk, mehatxuzkoak eta bai madarikaziozkoak ere, aita-amek bere umeei eta nagusiek ere bere sehiei egiten dizkietenak. Haiek guztiak dira bekatu. Eta anitzetan ere mehatxuzkoak konplitzeko borondaterik gabe egiten badituzte ere, eta madarikazioak ere, ez hitzez baizik –zeren ez bailukete nahi halakorik, guztiz ere haien umeei, gerta lekien–, ordea, guztiarekin ere, guztiak dira bekatu. Zeren, bataz, besteak beste direla, handik ikasten dute umeek ere madarikazio egozten eta birao egiten, eta berriz, bestea, zeren gurasoen madarikazioak anitzetan heltzen zaizkie umeei eta gelditzen dira madarikatuak, Noeren semeetatik bata madarikatua gelditu zen bezala. 2 Juramentuan den gauzarik gaiztoena, galgarriena eta arriskutsuena da ohitura: premia gabe, egiaz ala gezurrez mintzo den behatu gabe, makila bermatzeko eta sostengatzeko urrats guztiaz eskuan bezala, juramentua ere ahoan hitz guztiaz mintzatzeko erabiltzea. «Ez» eta «bai» asko den lekuan esateaz eta entzuteaz «bai, Jainkoaren Pasioa!», «ez, Jainkoaren Odola!», nor ez da ikaratuko? Nori ez zaizkio buruko ileak laztuko? Behintzat, badio Espiritu Santuak (Si 27:15): –Loquela multium iurans, horripilationem capiti statuet, et irreverentia ipsius obduratio aurium. Juramentu anitz egiteak, beti biraoz mintzatzeak lazten ditu buruko ileak, eta jende prestuek, halakorik ez entzuteagatik, belarriak ixten dituzte, burua beste aldera itzultzen dute. Juramentu anitz egitea, beti biraoz, arneguz eta madarikazioz egotea eta mintzatzea infernuko ohitura da, eta hizkuntza infernuan erabiltzen dena. Eta nola batbedera bere hizkuntzan baita ezagun nongo den –frantsesez mintzo dena Frantziako dela, eta espainolez mintzo dena, Espainiako–, hala da, bada, halaber batbedera bere arneguetan eta juramentuetan ezagun nongo den: infernukoa dela. Eta nola jondoni Petriri bere nagusiaz ukatu zuenean esan baitzioten (Mt 26:73): Tu ex illis es, nam loquella tua te manifestum facit, «ez duzu zer ukaturik, zu haietarik zara, Jesukristoren dizipuluetarik zara, zure mintzairan ezagun zara», hala esan dakioke arnegariari eta juramentu egiteko ohitura duenari ere: –Tu ex illis es. Zu infernukoetarik zara; zeure mintzatzean, arneguetan, biraoetan eta madarikazioetan ezagun zara. Zeren hori da infernuko erdara, lengoaia eta hizkuntza, han eta hangoen artean erabiltzen dena. Infernuan daudenak, hango dolore handiak direla kausa, haiek ezin pairatuz, beti daude arneguz, juramentuz, biraoz eta madarikazioz. Hala esaten du jondoni Joanes ebanjelariak (Ap 16:11): –Blasfemaverunt Deum coeli prae doloribus et vulneribus. Eta nola paradisuratzen direnak ohitzen baitira eta hasten oraindanik, hemen lurrean, gero zeruan egingo duten ofizioa egiten eta ikasten, Jainkoa laudatzen, hala infernurako direnak ere hasten dira orain beretik infernuko ofizioa egiten, arnegatzen eta madarikazio egozten. Ikusiko duzu gurasoek eta nagusi-etxekoandreek bere seme-alabei, sehiei eta etxeko familia guztiari, hargatik beltzuri batere egin gabe eta hartan batere damurik hartzen dutela irudirik egin gabe, nahi duten juramentu guztiak egiten uzten dietela. Haiek eta halakoak dira eskriba fariseuak bezala, zeinek kontsentitzen baitzuten egin ziezaioten Jesukristo gure salbatzaileari eta haren izen santuari haien etxekoek eta beste guztiek hainbat irri eta eskarnio. Fin gaitz egin zuten haiek, eta hala egingo dute hala diren beste guztiek ere. Zeren infernura joateko seinale handietatik bat da juramentu egiteko ohitura izatea. Ohitura hura dutenek agian badute zenbait ahalke beste bekatuak konfesatzeko, baina ez bat ere juramentu egin dutela esateko. Halakoak konfesatzera etortzen direnean eta galdegiten zaienean ea zer bekatu egin duten, berehala, sendagailaz bezala eta ohore balitz bezala, juramentuak ipintzen dituzte brankan, lehenbiziko hastean. A, Jainkoa! Zuk uki itzazu, zuk erremedia itzazu halakoak, zeren bestela egin du haienak. 3 Jainkoaren beraren ohorea eta haren izen santuarena hain dabiltza elkarrengandik hurbil, ezen baldin Jainkoaren ohoreaz ipintzen bada lehenbiziko agindua, halaber haren izen santuari dagokionaz mintzatzen baita bigarrena. Handia da Jainkoaren izen santuari ekarri behar zaion ohorea, egin behar zaion agurra eta eman behar zaion laudorioa. Beraz, honelatan, handia izango da halaber, eta itsusia, izen santu hura banoki, premia gabe eta egiaz ala gezurrez mintzo den konturik egin gabe erabiltzeaz egiten den bekatua eta deskortesia. Baldin ikus bazeneza ezen gizon batek, meza esateko kaliza aldaretik harturik, hartan nornahiri, ageri diren arlote, erromes eta beste jende-suerte guztiei ematen diela kantoi guztietan edatera, zer esango ote zenuke? Gutxienez esango zenuke hura dela luterotasun handia, gauza itsusia eta ez dakizula zer gaztigu agindu halakoari. Bada, baiki, gauza handiagoa eta ohore gehiago merezi duena da Jainkoaren izen santua, kaliza baino. Eta, guztiarekin ere, ez dakizu esan den moldean kaliza erabiltzen duenari zer gaztigu agindu. Zer aginduko diozu, bada, Jainkoaren izen santua hain deblauki, antsikabeki eta kontu gutxi eginik erabiltzeko ohitura duenari? Juramentu egitea da esaten dugun gauza sinetsarazteko Jainkoa lekuko deitzea, ekartzea eta ipintzea. Eta baldin esaten dituzun hitz ergel guztietan dei bazeneza errege bat edo jaun handi bat lekuko, merezi bazenuke eman liezazuten edozein gaztigu –zeren hura bailitzateke halako pertsonez kontu gutxi egitea–, zer mereziko duzu eta zer gaztigu izango da arrazoi eman dakizun, hartarako bererako, aipamen guztietarako, Jainkoa bera, errege guztien Erregea eta jaun guztien Jauna lekuko deitzen duzunean, nola deitzen baituzu juramentu egiten duzunean? Ezin esan daiteke zein handia den hartan Jainkoari egiten zaion bidegabea, eta bekatoreak berak ere bere buruari garraiatzen dion damua eta kaltea. Hargatik esaten du Espiritu Santuak (Si 23:9): –Non assuescat iuramento os tuum, multi enim casus in illo. Begira ezazu ez dadila zure ahoa juramentura ohitu, zeren anitz kasu, behaztopa eta arrisku baita hartan. Nola anitz mintzo denak arrisku baitu, batean ez bada, bestean, bere hitzetan huts egiteko eta errebelatzeko, hala juramentu anitz egiten duenak ere du arrisku zenbait juramentu gaizki egiteko. Hain arrisku, ezen juramentu egiteko ohitura duenak, behatu gabe eta konturik eduki gabe noiz mintzo den egiaz eta noiz gezurrez, eta dagoenean deliberatua eta prestik egiaren gainean bezala orobat gezurraren gainean ere juramentu egiteko, halakoak, hala juramentu egiten duen guztiaz, bekatu egiten du eta infernuko bidean bere burua ipintzen du. Handik Salomonek, juramentu egiteko ohiturak zenbat kalte zekarkeen zekienak bezala, esan zuen (Si 23:12): –Vir multum iurans replebitur iniquitate, et non discedet a domo eius plaga. Juramentu anitz egiten duena beteko da bekatuz eta gaiztakeriaz, eta ez da haren etxetik apartatuko plaga; han izango da gertaldi gaitza, han aurkituko da behar ez dena. Eta hala, baldin kontua ongi edukitzen badugu, aurkituko dugu ezen pertsona arnegariak, are mundu honetan ere, anitz aurkikuntza gaitz izaten duela, eta arnegu haiek direla kausa, anitz beste bekatutan ere erortzen dela, eta azkenean, alde guztiz fin gaitz egiten duela. 4 Bekatu handia da eta probetxu gabekoa juramentua eta juramentu egiteko ohitura. Oraino, ebastea edo emakume batekin parte izatea ez da hain miresteko, zeren haietan bada zenbait probetxu edo plazer. Baina juramentuan ez da probetxurik eta ez plazerik. Halaber, gauza desohorezkoa eta desohoragarria da juramentua. Zeren hitz guztiaz juramentu egiten duenak ematen du aditzera gezurtia dela, eta haren esanei, lekukorik gabe, sinesterik ezin eman dakiekeela. Nola baldin gizon bati esaten dituen hitz guztietan inor kontra balekio, eta esan baliezaiote «ez zaitugu sinesten, ekarzu zenbait lekuko», desohore eman bailiezaiokete, hala hitz guztiaz juramentu egiten duenak eta juramentuez bere esanak frogatu nahi dituenak ere ematen dio bere buruari desohore, zeren, ikusirik ez dela bera sinesteko, ekartzen baititu lekukoak –zein baitira juramentuak–, haiekin batean sinets dezaten. Jende prestuek damu hartzen dute haien hitz sinpleari sineste ematen ez zaionean eta juramentu egitera inork behartzen dituenean. Eta baldin zu hala behartzen bazaituzte, zeuk duzu falta, zerori zara kausa. Hala esaten du san Krisostomok (9. hom., Acta Apostolorum 3): –Tu horum causa es, qui tam prompte et facile iuras. Zeren hain prestuki eta errazki egiten baituzu juramentu, halatan hain maiz behartzen zaituzte. Quod si hoc non esset, sed omnibus esset manifestum quod non iures, crede mihi dicenti, quod vel solo nutu plus crederetur tibi quam iis qui multa iuramenta dederant. Munduak balekusa ez duzula batere juramenturik egiten eta ez gezurrik esaten, baina beti egiaz mintzo zarela, eta fama hartan bazeunde, sinets nazazu –dio san Krisostomok– ezen orduan zure hitz sinpleari eta bakunari, eta are keinuari eta aieruari ere, sineste gehiago eman lekiokeela anitz arnegu eta juramentu egiten dutenei baino. Baina nola baitzara gezurti eta fama hartan baitzaude, halatan ez zaituzte sinesten, eta halatan zerorrek ere, zeure gezurrak sinetsarazi nahiz, hainbat arnegu eta juramentu egiten duzu. Baina zenbatenaz eta zuk juramentu gehiago, hainbatenaz nik gutxiago sinets. Zeren gezurra esatera herabe ez duenak ez du gezurraren gainean juramentu egitera ere herabe izango. Eta behin gezurrean frogatuz gero, nola jende juramentutsuak maiz frogatzen baitira, ez zaie handik aurrera halakoei sinesterik ematen. Zeren hau da gezurtiaren gaztigua: egia esaten duenean, ez dakion sinets. Eta ez du merezi ere sinets dakion; zeren esan komuna den bezala «otarre bat egiten duenak egin ditzake ehun ere», gezur bat esaten duenak esan dezake gehiago ere. Jondoni Paulo apostolua, munduak dakien bezain finki konbertitu bazen ere eta santutasun handi batekin hasi predikatzen, guztiarekin ere, Jerusalemera zen lehenbiziko aldian ihesi zihoazkion bere lagun apostoluak, ez zitzaizkion fidatzen, zeren uste baitzuten ezen lehena zela eta, lehen bezala, haien kontra zebilela. Hala da, bada, gezurtia, behin gezurrean frogatu dena, eta bai edozein beste faltatan erori dena ere. Ez zaio handik aurrera halakoari beranduraino, apur bat frogatu arte, sinesterik ematen, eta ez eman behar ere. Ez eta ez zaio absoluziorik eta barkamenik eman behar, behin, bitan eta gehiagotan bere juramentuak egiteko ohitura gaiztoa utziko duela konfesoreari prometatuz gero, batere utzi gabe bere lehengo ohiturarekin berriz konfesatzera bihurtzen denean. Nola amorantearekin dagoena edo besterena ebatsirik daukana ezin absolbi baitaiteke amorantea utzi arte edo besterena –ahal badu– bihurtu arte, hala juramentu egiteko ohitura duena ere ezin absolbi daiteke ohitura harekin dagoeno, hura uzten saia daitekeen arte, quia tunc est in statu peccati, zeren orduan bekatuaren egoitzan, egoeran eta tokian baitago (Fco. Suarez, Varia Opuscula Theologica). Eta hala, pentsa bezate konfesoreek zer ari diren halakoak belaunetara etortzen zaizkienean, zeren ez baitira egiteko gabe. Eta badirudi hoberena litzatekeela behin erakustea eta aditzera ematea zein arrisku handian dauden; eta gero apur bat absoluzioa luzatzea, eta esatea doazela eta bihur daitezela handik hamabost egunen buruan, eta bitartean saia daitezela bere ohitura gaiztoa uzten. Eta gero, bihurtzen direnean, aurkitzen bada batere utzi dutela eta uzten saiatzen direla, orduan absolbi, eta ez bestela. 5 –A, Jainko handia! Helas! Zer izango da bada nitaz? Ene mihi guztia da juramentu egiteko ohituran barrena sartua, guztia da hartara emana; ez dakit bestela mintzatzen. Zer egingo dut, bada? Nola erremediatuko naiz? Adi ezazu zer esaten duen puntu honen gainean san Krisostomok (8. hom., Acta Apostolorum 3): –Malam iurandi consuetudinem ab ore nostro auferamus, fraenum imponamus linguae. Nullo hic sumptu opus est, nullus labor exigitur, non indiget magna temporis mora exercitatio: sufficit velle et totum factum est. Res enim haec a consuetudine pendet. Juramentu egiteko ohitura ahotik ken dezagun, mihia brida dezagun. Eta nahi badugu, egin dezakegu. Zeren ez da hartarako batere gasturik egin behar, ez lanik hartu eta ez denbora anitz enplegatu. Aski da nahia; egin da hainbestez, zeren egiteko hau ohituratik heldu da. Ohitu zara anitz mintzatzen, hitz guztiaz juramentu egiten; ohitu zaitez, bada, orain aldiz juramentuak uzten. Nahi baduzu, egin dezakezu, eta baldin egiten ez baduzu, seinale da ez duzula nahi. Esango duzu: –Nahi nuke, bada, eta emadazu zenbait erremedio. Lehenbiziko erremedioa da hartzea goizean gogo eta borondate fin bat, erabaki irmo bat, egun hartan juramenturik ez egiteko, mihiaz kontu edukitzeko. Eta baldin, halarik ere, gertatzen bazaizu huts egitea, eman zeure buruari zenbait pena: bularrak jo, esan «Jesus!», edo egin zenbait obra on. Eta orduan, hala saiatzen zarenean, zeure nahi gaberik, ohiturak bulkaturik zenbait juramentu egitera mihia limurtzen bazaizu, ez duzu hartan bekaturik. Zeren hura guztia dateke ohiturarena, eta ez borondatearena. Bigarren erremedioa juramentu egiteko ohitura uzteko da esatea, juramentuaren ordez, juramentuaren lekuan: «bai, seguru», «ez, seguru», «hala da», «ez da hala», «egia esaten dizut», «sinets nazazu», «ez nazazula gehiagotara behar». Honela mintzatzen zen gure Salbatzailea (Jn 1:51; 5:19.24.25...): –Amen amen dico vobis. Egiaz, egiaz esaten dizuet. Honela mintza zaitez, bada, zu ere, eta zaude juramenturik egin gabe. Eta bazeundeke, baldin juramenturik egiten ez duzun egunean hamar txanpon irabazteko segurantza bazenu. Bada, baiki, zure arimak hamar txanpon baino gehiago balio du. Bihoa, beraz, urrun juramentua eta juramentu egiteko ohitura, infernuko hizkuntza, bekatu idorra, gozogabea, arima galtzeko baizik deus balio ez duena. Eta betor egun beretik, gerorako luzatu gabe, egiaz mintzatzeko eta, juramentu guztiak utzirik, «ez» eta «bai», «ez, seguru», «bai, seguru» esateko ohitura eta aztura. Zeren bestela mintzatzen zaren bitartean, jakizu ezen arrisku handian bizi zarela, infernuko bide zabala daramazula eta, azken finean, egiteko handitan izango zarela. XX ZENBAT KALTE EGITEN DUTEN KOLERAK ETA ETSAIGOAK, ETA NOLA BEHAR DEN LEHEN BAINO LEHEN ETSAIGOTIK KANPORA Betiere, lehenbizitik hartu dugun xedeari ahal bezainbat aurtikitzen diogula, hari jarraikitzen gatzaizkiola, hartara destatzen eta aurre egiten diogula, aurkituko dugu gure gero honek pertsona herratsuen, errietatsuen eta haserrekorren artean ere baduela bere ostatua eta jarlekua, haietan ere kalte handiak egiten dituela. Zeren adiskide batekin hausten duzunean, baldin berehala osatzen eta bat egiten saiatzen ez bazara, jakizu ezen gero eta gero gaitziago izango zaizula, gibelatukoago, urrundukoago eta antsikabetukoago zarela. Halako moldez ezen, san Agustinek dioen bezala (5. hom. inter Homilias quinquaginta), –Sicut festuca crescit in trabem, sic ira inveterata fit odium. Landarea zuhaitz bezala, haserrea ere egiten da gaitzerizko. Honen arabera esaten du Senekak ere (De ira, I, 8. k., 1): –Optimum est, primum irritamentum irae protinus spernere, ipsisque repugnare seminibus. Gauza ona da koleraren lehenbiziko narritamenduari, mugidari eta abiadurari begia edukitzea, hazi hura hozitzetik, sortzetik eta bihitzetik begiratzea. Hargatik esaten du jondoni Paulok (Ef 4:26): –Sol non occidat super iracundiam vestram. Ez dadila eguzkia eror zuen haserrearen gainean. Esan nahi du (Glosa interlineala): –Non duret usque ad occasum solis. Ez dezala iraun eguzkia sartu arte; ez zoaztela ohera mendekatzeko desirarekin; buka diferentziak eguzkiz eguzki. Zeren bestela, su ttipia handitzen den bezala, diferentziak ere apur bana handituko dira eta, behin handituz gero, nekez ttipituko eta iraungiko dira. Nola geure gogarako gauzekin naturalki pozten eta alegeratzen baikara, hala desgogarakoekin eta kontrakoekin tristatzen eta haserretzen gara, hain haserretzen ezen ezin baikarateke orduan, behintzat haragiaren arabera, koleratu gabe, sentikortu gabe eta mendekatzeko desira gabe. Nola ardia otsoa ikusteaz lazten, larritzen, asaldatzen, izutzen eta ikaratzen baita, hala gertatzen zaigu guri ere etsaiarekin batzeaz eta topo egiteaz. Orduan, haragiaren arabera, ezin garateke haserretu gabe, min hartu gabe eta barrenean irakin gabe. Honen arauaz, esaten du san Krisostomok (13. hom. ): –Caro quidem diligere inimicum non potest, quia dilectio vel odium carnis in sensu est, animae vero in intellectu. Propterea anima, quidem, secundum rationem vertitur; caro autem, invertibilis in passione tenetur. Haragiak ezin onets dezake bere etsaia, eta ez sentitu gabe utz egiten zaion bidegabea eta desarrazoia. Bai, ordea, arimak onets dezake, zeren arimak libertatea du, bere burua bere eskuko du. Baina haragiak ez du libertaterik, eta ez bere burua bere eskuko. 1 Nola baitira bi gaitzerizko –bata naturala, haragiarena, eta bestea librea, borondatearena–, hala dira, halaber, bi onerizte eta amodio: bata naturala, haragiarena, eta bestea librea, borondatearena. Gure Salbatzaileak izan zuen heriotzarekiko gaitzerizko naturala: naturalki gaitzesten zuen heriotza; haragiaren arabera, ez zuen hil nahi. Eta halatan, egin zion otoitz bere aitari, esaten ziola (M7 26:39): –Pater, si possibile est transeat a me calix iste. Aita, baldin posible bada, iragan bedi enegandik kaliza hori; ez dezadala heriotzarik errezibi. Ordea, gaitzerizko natural honekin izan zuen amodio librea, zeren libreki, bere nahiz eta borondatez hil zen. Eta honetan da ageri badiratekeela elkarrekin gaitzerizko naturala eta amodio librea. Badukegu etsaiarekiko gaitzerizkoa onerizkoarekin. Eta gaitzerizko librea, zein baita borondatearena, da eskuarki bekatu, eta ez naturala, zein baita haragiarena. Gaizto batek hil dizu zeure aita, zerorri ere egin dizu mila pentsu, asmo faltsu eta malezia; haien arabera, ezin zarateke gaitzerizko naturala gabe. Ordea, gaitzerizko natural hark ez dizu amodio librea kentzen, ez du borondatea gaitzestera bortxatzen, eta ez gaizki-egile hari barkatzetik eta ongi egitetik debekatzen. Hargatik libre da zure borondatea. Eta halatan, anitzetan ere egiten diogu geure gaizki-egileari ongi. Eta halatan, halaber, etsaia onesteko agindua eman zion Jainkoak arimari eta arimaren botere libreari, borondateari, eta ez haragiari eta ez haragiaren apetituari. Eta hala, bidegabe bat egiten dizutenean, etortzen baitzaizu, alde batetik, mendekatzeko eta ordaina bihurtzeko mugida bat, gutizia bat eta desirkunde handi bat, eta berriz, beste aldetik, gauza ongi kontsideraturik eta aitzin-gibel behaturik, gibelatzen baitzara mendekatze hartatik. Orduan haragia haserretzen da, eta ez arima. Hala esaten du san Krisostomok (13. hom. ): –Quando ergo homo irascitur, et non vult facere quod ira compellit, caro eius irata est, animus autem non est iratus. Eta hau da arimaren eta gorputzaren, espirituaren eta haragiaren arteko gerla arriskutsua eta biktoria loriosa, batak gaitzesten duena besteak onesten baitu. Haragiaren gaitzerizko naturala, haragiaren lehenbiziko mugida —primus motus—, haragiaren haserretzera eta mendekatzera laburzki eta kontsideraziorik gabe oldartze eta abiatze hura, bera soilki eta bakarrik, ez da bekatu. Bekatu izateko, arrazoiak behar du leku eta parte, borondateak behar du erabaki eta kontsentitu. Are gehiago, esan nahi dizut borondatearen erabakiarekin eta kontsentimenduarekin haserretzea ez dela beti ere bekatu. Aitzitik, haserretzeaz bezala, ez haserretzeaz ere egin daiteke bekatu. Nola arrazoiaren kontra eta bidegabeki haserretzea eta mendeku bila ibiltzea baita bekatu, hala, halaber, haserretu behar denean eta haserretzeko okasioa denean ez haserretzea da bekatu. Hala esaten du san Krisostomok (12. hom. ): –Itaque non solum non peccant qui cum causa irascuntur, sed e contra, nisi irascantur peccant. Quoniam patientia irrationabilis, vitia seminat, negligentiam nutrit, et non solum malos, sed etiam bonos invitat ad malum. Ez haserretzeak, sobera paziente izateak, faltak disimulatzeak, ez ikusi irudi egiteak eta ez gaztigatzeak ematen du okasio falta gehiago egiteko, eginetan laketzeko eta, gaiztoak bezala, onak ere gaiztakeriara gonbidatzeko. Haserretu behar denean ez haserretzea, sentikortu behar denean ez sentikortzea, beti bat, beti euli, lolo, malba eta bare izatea ezdeustasuna da, eta ez gizontasuna. –Sicut excessus irae est malus et vitiosus, ita moderatae irae deffectus a iusta reprehensione et peccati labe non est immunis –dio san Tomasek (S. Th., 2-2, 158, 8)–. Nola sobera haserretzea baita bekatu, hala halaber gutxiegi egitea ere ez da hoben gabe. Arrazoiarekin, intentzio onez eta justiziaren arabera haserretzea eta, hala haserreturik, hala gaztigatzeko desira izatea gauza ona da eta santua, hain santua, ezen esaten baitu san Basiliok (Hom. De ira): –Neque enim si contra nequitiam desit indignatio et ira, satis eam odio, quo decet, persequi poteres. Haserretu gabe, apur bat bederen koleran jarri gabe eta bere baitan piztu gabe ez dira gaiztakeriak aski finki gaztigatzen eta ez obra onak ere aski zinki egiten. –Neque damus aliter disciplinam filiis, nisi aliquamtum irascendo –dio san Agustinek (De Verb. Dom., 16. hom.)–. Ez du aitak bere semea, bere soseguan dagoela, gaztigatzen; ez dio begia bihurritu gabe zer egin behar duen erakusten. Behar da, behar, behar denean, kar apur bat altxatu, behar da koleratu eta haserretu. Halatan du aitak esku eta botere semeari gogorki mintzatzeko, eta bai kargudunak ere bere kargukoen kontra, huts eginak doazenean, jaikitzeko eta haserretzeko. Hala haserretu ziren Moises eta Matatias idoloak adoratzen zituztenen kontra (Ir 32:19; 1M 2:24). Hala gure Salbatzailea ere, berpiztu zenean, mintzatu zitzaien gogorki bere dizipulu batzuei, deitzen zituela adimengabeak eta sinesgogorrak (Lk 24:25): –O stulti et tardi corde ad credendum. Hala jondoni Paulok ere mehatxatu zituen Galaziako jendeak, esaten ziela (Ga 3:1): –O, insensati galatae, quis vos fascinavit, non obedire veritati? A, galatar zentzugabeak! Nork erotu eta liluratu zaituzte, ez baituzue orain, lehen bezala, egia obeditzen eta sinesten? Hitz hauek desohorezkoak ziren galatarrentzat. Ordea, zeren bihotz onez eta intentzio santuz esanak baitziren, ez zen bitartean bekaturik. Hau da san Agustinek ere esaten duena (Rhetor., I, 19. k.): –Non irascitur fratri, qui peccato fratris irascitur. Ez da anaiaren kontra haserretzen anaiak duen bekatuaren kontra haserretzen dena. Halakoak bekatua gaitzesten du, eta ez bekatorea. Eta hartan egiten du mediku batek edo barberu batek eriarekin egiten duena. Barberuak penatzen du, ebakitzen du, odolusten du, etsai bat bezala erabiltzen du. Ordea, zeren hura guztia eritasunaren kontra egiten baitu eta ez eriaren, ez intentzio gaiztoz baina amodioz eta sendatzeko kontuan, halatan hark egiten duen guztia estimatzen da eta hartzen da parte onera. Hala behar dira bada, halaber, arrazoiaren arabera, intentzio onarekin, faltak erremediatzeko eta bekatuen eritasunetik sendatzeko borondatearekin egiten diren liskarrak, ahakarrak, mehatxuak eta erantzukiak ere estimatu eta parte onera hartu. 2 Ordea, begira beza batbederak, bekatuen kontra haserretzen denean, sobera haserretzetik, amodioz eta borondate onez egin behar duena koleraz eta mendekuz egitetik. Zeren aita-amek, predikariek, nagusiek eta besteren eskolatzeko eta gobernatzeko kargu dutenek ez dute kargu hartan halako moldez kexatu eta irakin behar, non gainez egin dezaten eta amodioa desamodio eta gaitzerizko bihur dakien. Hargatik esaten du profetak (Sal 4:5): –Irascimini et nolite peccare. Haserre zaitezte, eta ez dagizuela bekaturik. Haserre, bai; ordea, neurriz, pazientziaren xedea eta marra iragan gabe. Faltari bai, baina faltaren jabeari herrarik eta aiherkunderik eduki gabe. Zeure umea edo zerbitzaria zuzendu, emendatu eta zentzatu nahi duzunean, anitzetan ere zerori jartzen zara zentza beharreanago. Zeren zentzatze hartan, zeure umeari erakustean, hain haserretzen, koleratzen eta zeure zentzutik eta pazientziatik ateratzen zara, non anitz arnegu eta juramentu eginik, azkenean, zure umearen eta zerbitzariaren falta baino, zurea handiago gertatzen baita, eta zerori erremediakizunago eta zentza beharrago jartzen baitzara. Bada, ez bestela, baina arrazoiaren eta justiziaren arabera eta noren kontra haserretzen baitzara, haren ontasunagatik eta faltak erremediatzeagatik neurriz haserretzea gauza ona da eta santua. Eta molde honetan haserretzea deitzen da ira per zelum, zelo onezko hira, amodiozko haserrea, onginahizkoa. Baina bada beste bat, borondate gaiztozkoa, mendekuzkoa, ez bekatua erremediatzeko baina bekatoreari berari gaitz eman nahizkoa, zein deitzen baita ira per vitium, biziozko hira, bekatuzko haserrea, arrazoiaren kontrakoa, intentzio gaiztokoa, soberaniazkoa, gainez egina. Honetatik, honela gainez egitetik, sobera haserretzetik eta koleratzetik sortzen dira kalte handiak, liskarrak, hitz gaiztoak, juramentuak, diferentziak, auziak, gaitzerizkoak, heriotzak eta bere buruak eta besterenak galtzeak eta egitekotan ipintzeak. Anitz gauzak egiten dio kristauari gaitz eta kalte, eta haietatik bat da –eta are buruzagietatik– hira, kolera, haserrea, mendekatzeko desira desordenatua. Honek arima eta gorputza zauritzen ditu; honek biak eritzen ditu; egunak laburtzen ditu, eta muga baino lehen, ileak ere urdintzen ditu. Hala ematen du aditzera Espiritu Santuak (Si 30:26): –Zelus et iracundia minuit dies, et ante tempus senectam adducet cogitatus. Honen arauaz eta ereduz, esaten du Senekak ere (Epist. ad Lucilium, 18, 15): –Vitanda est ira, non solum moderationis causa, sed sanitatis. Begiratu behar da sobera haserretzetik; alde egin behar zaio kolerari, eta ez, ez, prestuki eta oneski bizitzeagatik beragatik, baina bai gorputzeko osasunagatik ere. Zeren haserreak, mendekatu nahiak, barreneko hegigoak, irakidurak, hudigoak, gorrotoak, korromioak eta herrak arimari eta gorputzari egiten die kalte, biei sentiarazten die, biak eritzen ditu. Eta halatan, pertsona hirakorrak, erreak eta haserrekorrak ez ohi du betaurreko anitz higatzen, eta ez arrunki bere umeen umerik ere bere ingurunean ikusten, zeren bere barreneko koleraren suak eta irakinak errai guztiak erretzen, elkortzen eta idortzen baitizkio. Eta hala ikusiko duzu bere egitez jauzkor eta mendekari diren pertsonak, baldin berehala bere desiren arabera mendekatzen ez badira, egosten eta desegiten direla; eta baldin, halaber, mendekatzea eta eskuak odoleztatzea gertatzen bazaie, gero ondotik dolutuak eta atsekabetuak dabiltzala. Halako suertez, ezen nolanahi den dela, nahiz mendekaturik eta nahiz mendekatu gabe, nahiz bere gogoak histurik eta nahiz histu gabe, ez da halakoentzat damurik, atsekaberik eta asaldurik baizik. Eta ezpere, beha iezaiozu haserretua dabilen bati nola mintzo den, nola ahotik haguna darion, begietatik inarrak jauzten zaizkion, lurra ostiko jotzen duen, etortzen zaizkion arartekoez ez duen konturik egiten, ez dion inori ere ohorerik ekartzen (ikus Krisostomo, 4. hom. ); aitzitik, ero batek bezala, aitzin-gibel behatu gabe, etorkizunaz konturik egin gabe, guztiak gezurreztatzen dituen, desohoratzen dituen, bulkatzen dituen, hil nahi dituen. Beha iezaiozu, bada, halako bati eta zentza zaitez haren baitan. Zeren jakizu ezen zerori ere, haserre zarenean, hala zarela, ero zarela, itsu zarela, hordi bat bezala irrigarri zarela. 3 Pertsonak, haserre denean, badirudi ez dirudiela lehena. Hargatik abisatzen zien Platonek bere dizipuluei har zezatela, haserre zirenean, ispilu bat bere aitzinean eta hartan ikus zitzatela bere buruak (Fulgent., VII, 2. k.). Eta esaten du Senekak ere (De ira, II, 36. k., 1): –Quibusdam profuit adspexisse speculum, perturbavit eso tanta mutatio sui. Batzuei on egin izan die, haserre zirenean, bere buruak ispiluan ikusteak. Zeren han da ezagun nola kolerak batbedera mudatzen eta lehen zena ez dirudiela ipintzen duen. Eta badio san Krisostomok ere (25. hom., Joan 3): –Quod si iratus seipsum intueri posset, nulla alterius indigeret admonitione, nihil enim irato turpius. Baldin pertsona haserreak, haserre denean, ikus ahal baleza bere burua, ez luke, ez, berriz haserretzeko beste abisuren beharrik, zeren orduan hain da itsusi, non itsustasun hark berak begira bailezake aitzinera gehiago haserretzetik. Koleran dagoenak hainbat erokeria egiten du eta esaten, non hari bere plazerera beha dagokiona ahalketzen baita erokeria haiek ikusteaz eta entzuteaz. Eta halakoak berak ere, bere baitara dadinean –zeren koleran dagoena ez baitago bere baitan–, nork esango du zenbat damu eta atsekabe izango duen? Zein ondore gaiztoa aurkituko duen? Zein onbehar eta triste geldituko den? Orduan gogoratzen zaio ikusi dutela bere adiskideek eta bai etsaiek ere, guztiak beha egon zaizkiola; eta hark bere koleran egin dituen desordenuez eta erokeriez adiskideek hartu dutela damu eta atsekabe, eta etsaiek atsegin eta plazer. Orduan erreko da bere baitan barrena, suminduko da, tristatuko da, malenkoniatuko da, eta guztiz ere baldin bere haserre hartan kolperik egin badu, barberu-beharrean inor ezarri badu edo bere hitzetan inork bahirik hartu badio. Han dira zinak eta minak, han dira kexadurak, izerdi-likak, hasbeherapenak, intziriak eta madarikazioak. Orduan jartzen da bere buruarekin gogoetan, esaten duela san Krisostomok dioen bezala (4. hom. ): –Et quid mihi pugna opus erat?Quid in iniuriis? Quid contentionibus? Haec et illa pereant, et his omnibus terrenis maledicunt, qua ipsis discordiae materiam praebuerunt. Zer premia nuen nik egiteko hauetan sartzeko? Diferentziatan ibiltzeko? Hitz gaiztorik esateko? Kolperik emateko? Fin gaitz dagitela honelako egitekoek, ni honela egitekotan ipini nautenek. Baldin ez nagoenean banengo, begira bide ninteke berriz honela itsutzetik, erotzetik, mintzatzetik eta egin naizen bezala jauztetik eta koleratzetik. Honela mintzatzen da hoztu denean; honela bere buruaz arranguratzen da haserrea ematu denean. Hau da koleraren ondorea, ihardukitzearen fruitua: arima galtzea, gorputza desegitea eta tristura handi baten azpian damuztaturik ipintzea eta uztea. Gizon koleratua sukarra duenaren pultsua bezala da, kexu da, ez du sosegurik. Halaber, gau iluna bezala da. Zeren nola gau ilunean dabilenak ez baitu ezagutzen zerk zer kolore duen, zein den berde eta zein more, hala gizon koleratuak ere ez du ezagutzen noiz mintzo den ongi eta noiz gaizki, noiz doan artez eta noiz makur. Nahasia, itsutua, haztamuka dabil; ilunpean doana bezala, urrats guztiaz behaztopatzen da, errebelatzen da. Halatan, Deabruak ere orduan egiten ditu bere kolpeak, orduan betetzen ditu bere zakuak. Zeren nola ohoinak desiratzen baitu gau iluna eta haizetsua ebasteko, otsoak denbora gaitza, euritsua eta ihurtzuritsua artaldeari oldartzeko, eta arrantzaleak ur uherra arraina atzemateko, hala Deabruak ere, ohoin finak, otso goseak eta arrantzale jakintsuak bezala, bilatzen ditu eta bere gaiztakeriak egiteko zelataturik edukitzen ditu koleraren, haserrearen eta diferentzien ilunpeak, tormentak, uherdurak eta okasioak. Pertsona haserretuen artean bere gogara da Deabrua. Han edireten da ongi Demonio gaiztoa; han bide batez egiten ditu bi mandatu, zeren haserretzailea eta haserretua, biak atzematen baititu. Eta hau ez da miresteko. Zeren ez da bekaturik, koleran itsutua dagoen batek egin ez dezakeenik. Eta hala, ez da zuhurtzia halakoak eta halakoek dihardukatenean haien artean ibiltzea eta banatzen saiatzea eta sartzea, guztiz ere, baldin dihardukaten haietan hordirik edo zure etsairik baldin bada. Orduan, urrutitik ez hurbil, utz itzazu, beude, bihardukate, biz haien gainean etorriko den okasioa eta kaltea. Zeren, bestela, arrisku izango da zure gainera etor dadin. Hordiak ez daki zer ari den, eta etsaiak ere, alea hark besteri eman nahi, zuri emango dizu. Beraz, ez halakoen artean, ingurunera ongi behatu gabe eta zeure burua begiratzeaz kontu eduki gabe, sar eta ez enplega. Zeren kolera itsu da, hordi da, eta etsaia ere okasioaz aprobetxatzen da. Bada, baldin kolerak eta mendekatzeko desira desordenatuak, arrazoiaz kanpokoak hainbat kalte egiten badu, hala inor itsutzen, zoratzen, liluratzen eta adimenetik erauzten badu, eta Deabruak ere orduan, koleratuen artean denean, bere jokoak jokatzen baditu, eduki behar zaio sendagarria, egin behar da laster mediku-medizinetara, ahal diratekeen erremedioetara. Eta noiz? Lehen baino lehen, gerorako luzatu gabe. Zeren suaren pare da kolera, eta badakizu sua ttipi deno dela errazenik iraungitzeko eta hiltzeko. XXI KOLERA IRAUNGITZEKO LEHENBIZIKO ERREMEDIOA: BATBEDERAK BERE KONDIZIO HASERREKORRA EZAGUTURIK, HARI BEGIA EDUKITZEA Nola gorputzeko medikuek anitz medizina eta erremedio bilatu baitute, eta aurkitu, gorputzeko eritasunak sendatzeko, hala arimako medikuek ere, zer den kolera eta koleraren ondorea –zein baita arimako eritasuna– dakitenek bilatu dute eta eman anitz abisu eta erremedio arimako eritasun hau sendatzeko, kolerak pizten duen sua hiltzeko, eta bai piztetik eta irazekitzetik ere begiratzeko. Lehenbiziko erremedioa da batbederak bere burua eta kondizioa ezagutzea, bere buruarekin gogoeta egitea ea haserrekor denetz, suminkor denetz, jauzkor denetz. Eta baldin hala bada, arriskutsu bada, kilikabera bada, pairu gutxiko bada, ihes egin eta begira diferentziarik ahal datekeen okasio guztietatik, presentatzen diren arriskuetatik, jendartera sobera ateratzetik, eta bai egitekotan eta kargutan ere sartzetik. Batzuei den okasiorik ttipienean sua lotzen zaie, zeren sukoi baitira, ihar baitira. Puntu honen gainean ederki esaten du Senekak (Epist. ad Lucilium,18, 15): –Non interest hic affectus, ex quem magna causa nascatur, sed in qualem perveniat animum. Sicut ignis non reffert quam magnus, sed quo incidat; nam, etiam maximum, solida non receperunt, rursum arida et corripi facilia, scintillam quoque fovent usque in incendium. Egur hezeari eta juntu denari su handiak ere nekez eragiten dio, baina iharrari eta harroari inar batek ere irazekitzen dio, zeren hartarako egina eta prestatua edireten baitu. Hala da, bada, koleran eta haserrean ere. Ikusiko duzu arrunki gauza txarrengatik, okasio ttipiengatik jendeak haserretzen direla, eta bai heriotzak ere egiten eta gertatzen. Zeren haserretzea ez dago, ez, hainbat egitekoaren balioan, nola pertsonaren kondizioan. Batak antsiarik ez duenaz bestea jauzten eta minberatzen da. Antioko sofista deitzen zen hark, bere kondizioa ezaguturik, ez zuen behin ere konpainiatan ibili nahi eta ez, hartarako bazen ere, herriko kargutan ere sartu nahi (Th. Zwinger, Theatrum humanae vitae, 1583, 90 or.). Gizon gaizkin bat bezala, izu zen, beldur zen, ehiza bezala, basatua eta ihes egina zebilen. Eta galdegin ziotenean ea zeren zen beldur edo zergatik ihes egiten zuen, ihardetsi zuen: –Egiten dut ihes zeren ezagutzen baitut neure kondizioa: ez naizela jendarterako gai; ez dudala, okasiotan sartuz gero, neure burua neure eskuko; ez naizela neure buruaren jaun eta ez jabe; berehala limurtzen eta kilikatzen naizela; errea naizela; jauzkor naizela; den okasiorik ttipiena, aierurik gutxiena gorrotatzeko eta muturtua jartzeko aski dudala. Ez nauka, ez, bestearen beldurrak ihes egina; neure beldurrak, neure buruaz fida izan gabeak nauka; hark karguak eta konpainiak ere utzarazten dizkit. Honela ihardetsi zuen Antioko hark. Halatan esaten du Platonek pertsona haserrekorrak eta koleratsuak adimentsu direla eta anitz ikasteko on; ez, ordea, herriak gobernatzeko eta ez eskola edukitzeko ere (Erasmo, Aphothegmata, 8. lib.). Zeren hartarako pazientzia behar da, sosegu behar da, eta anitzetan ere ikusia ez ikusi eta aditua ere ez aditu irudi egin behar da. Hala, Kotis Traziako errege hark ere, ikusirik gauza honetan ahul zela, berehala, lehenbiziko okasioan kolera burura igaten eta nagusitzen zitzaiola, pairurik batere ez zuela, sentikorregi zela, eta bere baitan aitzinetik pazientzia izatea erabakiagatik ere, berehala, lehenbiziko enkontruan behaztopatzen zela eta erortzen, saiatu zen ahal bezainbat koleraren okasio guztietatik ihes egiten (Carolo Stefano, Dictionarium historicum: “Cotys” hitza). Eta hala kontatzen du Plutarkok (in Aphothegmata) ekarri ziotela egun batez errege Kotis hari presente handi bat, baxera eder bat; ordea, hauskorra, lurrezkoa eta beirakizkoa. Eta ekarri ziotenean, errezibitu zuela presentea ongi, eta bai eskerrak ere eman ekarleei eta igorleei. Baina berehala, ekarle haien beren aitzinean, berak bere eskuz guztiak zatitu eta porroskatu zituela, esaten zuela: –Badakit berdin presente eder hau egun hauetako batean ene zerbitzariek hauts lezaketela, eta, ni naizenarekin eta neure kondizio errearekin, orduan sobera haserre nintekeela; eta neurri gabe eta behar baino gehiago zerbitzari haiek gaztiga nitzakeela. Bada, dezadan aitzinetik erremedio ipin, dezadan okasioa aparta; ditzadan orain neure eskuz diren guztiak, koleratu gabe, gero ez koleratzeagatik, zati eta desegin. Eta hala, esan bezala egin ere zuen: irriz zegoela, guztiak bere eskuz desegin zituen. Anitzek laudatzen du errege haren kolpe hura, baina gutxik segitzen. Hura da zer gerta dakiokeen aitzinetik pentsatzea, bere burua ezagutzea, etorkizuneko arriskuari begia edukitzea, eta koleraren kontrako eta iraungitzeko lehenbiziko erremedioa. XXII KOLERA IRAUNGITZEKO BIGARREN ERREMEDIOA: DIRAKIEN ELTZEARI EGITEN ZAIONA KOLERARI ERE EGITEA Gizon haserretua dirakien eltzea bezalakoa da. Eta irakin hartatik ateratzen da ke bat, lanbro bat, zeinek, poetak dioen bezala (Katon, Disticha Moralia, II, 4. dist. ), itsutzen baitu adimena: –Ira impedit animum ne possit cernere verum. Bada, eltzeari, sobera dirakienean, gainez doanean, hiru moldez eman ohi zaio erremedio. Lehenbizikoa, sutik aldaratzeaz eta urruntzeaz. Bigarrena, egurrak kentzeaz eta gutxitzeaz. Hirugarrena, ur hotza gainetik emateaz eta egozteaz. Hala, bada, koleraz eta gaitzerizkoaz bere etsaiaren kontra dirakienari ere hiru erremedio hauek, bat balira bezala eta hauetaz bat eginik, eman behar zaizkio; eta hauek behar ditu hartu eta bere kolera iraungitzeko begiratu. 1 Lehenbizikoa, sutik hastan. Esan nahi du bere etsaiagandik aldara, aparta eta ihes egin. Zeren nola ez erretzeko erremediorik hoberena baita sutik urruntzea, hala da ez ihardukitzeko eta ez haserretzeko ere gizon haserrekorretatik eta etsaietatik apartatzea eta begiratzea. Pertsona haserrekorrak zuhaitz arantzatsuak bezala dira: ez dira ferekatzeko on; inork ukitzen baditu, zauritzen dute. Harri mugerraren pare dira: barrenean dute sua, aski dute ukitzea. Halatan esan zion Rebekak bere seme Jakobi (Has 27:42-45): –Ene seme: haserre da zure anaia Esau; zure kontra koleran dago. Aldara zakizkio, beraz, bidetik; ez zaitzala zenbait egunez ikus, eta agian bitartean hoztuko da eta ematuko. Zeren esan komuna den bezala, ikusten ez duen begiak ez du minik. Hala Jesus haurrak ere egin zuen ihes Herodesgandik. Eta badio jondoni Paulok ere (Erm 12:19): –Date locum irae, eman diezaiogula leku, eman diezaiogula amore hirari. Esan nahi du begira gaitezela pertsona haserrekorretatik eta haserretzeko okasioetatik, auzitan sartzetik, liskartzetik eta behaztopa guztietatik. Zeren behin behaztopatuz gero, zaldia bezala lau oinka aldapa behera koleran abiatuz gero, gaitz da baratzea, gaitz da aitzina iragan gabe, gaitzerizkoan sartu gabe gelditzea. Beraz, honelatan, dirakien eltzeari bere irakina gelditzeko ematen zaion erremedioa emaiozu zuk ere zeure buruari zeure mendekatzeko desira desordenatua eta haserrearen irakina hozteko: sutik gibela, okasioetatik aparta, etsaietatik ihes egin. 2 Bigarren erremedioa eltzeari bere irakina geldiarazteko da egurrak kentzea, sugaiak gutxitzea. Hala da, bada, koleraren eta haserrearen irakina hozteko eta ematzeko erremedioa: hitz gaiztoak saihestea, gogorki eta dorpeki dagokizunari emeki egotea, isilik uztea. Zeren nola sua egurrak berretzeaz berretzen eta handitzen baita, eta kentzeaz gutxitzen eta ttipitzen, hala kolera eta haserrea ere alde batetik eta bestetik hitz gaiztoak eta gogorrak esateaz handitzen eta pizten da, eta ez ihardesteaz ttipitzen eta iraungitzen. Zuri zeure etsaiak bere koleran anitz gauza esaten dizu: ohoin bat zarela, engainatzaile bat zarela. Azken batean, san Basiliok dioen bezala (Hom. De ira): –Sic durant donec convitia, sicut sagittae deficiant: Tragaza-kolpeka ari dena bezala buirakan edo buruan direnek dirauteno, pentsa ahalak edo dakizkienak aurtiki arte ez da isiltzen. Eta orduan hura gaizki mintzo da, eta zuri ere gaizki mintzo dela iruditzen zaizu, eta alabaina, zuk ere hari hainbeste edo gehiago eta gaizkiago esaten diozu. Besteren gaizki mintzatzea zeure gaizkiago ihardesteaz nahi duzu erremediatu. Baina engainatzen zara. Zeren hori da harriak harria jotzea, bietatik sua piztea, zauria gaizkoatzea eta etsaigoan barrenago sartzea. Zuri begia ateratzen dizunari zuk ere ateratzeaz, ez da handik zurea sendatzen eta ez bere lekura bihurtzen. Kolpe bat ematen dizunari beste bat bihurtzeaz ez diozu, halatan, zeure buruari eman dizuna kentzen. Ohoin bat zarela esaten dizunari hordi bat dela ihardesteaz, ez dakusat irabazi handirik egiten dela. Baldin beti ere azkenarekin gelditu nahi baduzu eta ez behin ere amorerik eman eta ez amainatu, ez da gerla bukatzerik. Aitzitik, nola hordiak anitz edanez egarritzenago baitira, zeren ardoak erretzen baititu, hala etsaiak ere ihardukiz etsaitzenago dira. Nahi baduzu geldi dadin etsaia, geldi zaitez. Nahi baduzu isil dadin, isil zaitez. Nahi baduzu sua iraungi dadin, egurrak ken iezazkiozu. Zeren hau da bigarren erremedioa dirakien eltzea irakitetik geldiarazteko, kolera iraungitzeko: egurrak kentzea, okasiorik ez ematea, isilik uztea. 3 Hirugarren erremedioa dirakien eltzea gainez eginik doanean gelditzeko eta beheititzeko da ur hotza. Hala, bada, kolera iraungitzeko eta sosegatzeko ere da hitz ona, erantzun emea eta eztia. Hala esaten du Espiritu Santuak (Es 15:1): –Responsio mollis frangit iram, sermo durus suscitat furorem. Erantzun emeak, eztiak eta berak ematzen, eztitzen, beratzen eta hausten du mendekatzeko desira desordenatua, baina solas gogorrak pizten du kolera. Hau da gauza mirestekoa, berak beratzen baitu gogorra, emeki eta mantsoki mintzatzeak ematzen eta sosegatzen baitu kolera: –Mors et vita in manibus linguae (Es 18:21). Mihiaren eskuan daude heriotza eta bizitza, gerla eta bakea. Nahi baduzu, adiskide dezakezu zeure etsaia, eta bai etsaiago ere. Emaiozu ur, mintza zakizkio emeki eta emaro: sua iraungiko da, gaitzerizkoa jabalduko da. –Mansuetus sibi ipsi dulcis, et aliis est utilis, iracundus vero et sibi insuavis eta aliis damnosus –dio san Krisostomok (7. hom.)–. Gizon bakezkoa, mantsoa, sosegatua eta hitz onetakoa gozo da beretzat, eta besterentzat atsegin eta plazent; halakoarekin guztiek dute laket, guztiek nahi dute ibili eta egon. Baina haserrekorra, jauzkorra bere eta besteren galgarri da. Halakoagandik guztiak aldaratzen dira, guztiek ihes egiten dute. Nik uste dut ezen munduko ararteko guztiek ez dezaketela zure etsaia hala balaka eta ez sosega, nola zerorrek. Ordea, nola edo zertaz? Hitz onaz, erantzun emeaz, begitarte alegeraz, agurtze arraiaz, ongi mintzatzeaz eta, guztien gainetik, aukera aurkezten denean ongi egiteaz. Hala esaten du jondoni Paulok (Erm 12:20): –Si esurierit inimicus tuus, ciba illum, si sitit, potum da illi, hoc enim faciens carbones ignis congeres super caput eius. Emaiozu zeure etsaiari gose denean jatera eta egarri denean edatera. Zeren halatan bilduko dituzu ikatz biziak haren buruaren gainean. Esan nahi du: nola ikatz biziek elkarganatzen dituzunean sua pizten eta egiten baitute, hala etsaia baitan ere, egiten dizkiozun ongiek eta zerbitzuek pizten dute eta egiten amodioaren sua, bakea, adiskidetasuna. Eta guztiz ere, baldin zerori agurtzera, mintzatzera eta presente igortzera aitzintzen bazara, hark etsaiari bihotza hausten eta osten dio, hark begia arraitzen dio, hark ifrentzuaz bezala bere mendekatzeko gogoa beste aldera itzultzen dio. Eta baldin faltak zureak badira, hobenduna zerori bazara, orduan zu zara obligatua aitzintzera eta hitz eske jarraikitzera. Eta faltak besterenak badira ere, ongi egingo duzu eta jende prestuen eta deboten artean ongi aipatua izango zara, haien alderako ohore izango duzu, eta zeure arimarako merezimendu, aitzintzeaz, aitzakiaren bat bilaturik edo ahantz irudi eginik, gaitzondorik erakutsi gabe lehen bezala mintzatzeaz eta etsaiagana joateaz. Handik gibelatzen eta iraungitzen dira etsaitasunak. Baina «hi handi, ni handi» hisikaturik egoteak, handitasunetan ibiltzeak, amorerik ez emateak gibelatzen du inork egin nahi duen ontasuna, ixten eta trabatzen adiskidetzeko bidea. 4 Orain, honen gainean esango duzu: –Baldin ihardetsi gabe uzten badut, ordaina bihurtzen saiatzen ez banaiz edo nerau agur egitera aitzintzen banaiz, esango dute ezdeus bat naizela, beldur naizela, egiak esan zaizkidala eta, halatan, neure buruaz fida izan gabe, hitz eske nabilela. Baina baldin baten bi bihurtzen badizkiot, egin zaidan baino gogorkiago mintzatzen banatzaio, esango dute gizona naizela, ohoreaz prezatzen naizela eta ausarki egin dudala. Sinesten dut zenbaitek hala esango duela. Baina halakoa eta halakoak izango dira kristau gaiztoak, Jainkoaz baino munduaz kontu gehiago ari direnak. Eta munduko kontua ere ez dute halakoek ongi ateratzen. Zeren mundurako ere, guztia ongi pentsatzera, ohoreago da etsaiari ongi egitea, gaizki egitea baino; ez ihardestea, ihardestea baino. Zeren ez ihardesteaz, kasurik ez egiteaz ematen duzu aditzera ez duzula hobenik, baina etsaia mintzo dela gaizki eta gaiztoki. Hala dio san Krisostomok (47. hom. ): –Quare enim dives si pauper appelletur ridet? Quam id falsum novit. Item si nos injurias ridebimus, magnum erit argumentum quod falso reprehendimur. Zergatik uste duzu ezen aberatsak egiten duela irri pobre eta erromes deitzen dutenean? Zeren argi baita ez dela hala, ez dela erromes. Hala, bada, zuk ere etsaiaren esanei irri egiteaz edo ez deus ihardesteaz ematen duzu aditzera ez dakiela zer mintzo den, egiatik atean dabilela. Eta are gehiago, san Krisostomok berak dioen bezala (super epist. ): –Nihil sic confusionem facit gerenti mala, sicut fortis tolerantia patientis, neque in verbis neque in opere reddere vindictam. Deusez ere ez duzu hala ahalketuko zeure etsai gaizki-egilea, nola pairatzeaz, sentimendurik ez egiteaz, erasten uzteaz. Nola harri bati edo sentimendurik ez duen beste gauza bati kolpeka darauntsanak egiten baitio bere buruari kalte gehiago eta hartan probetxu gabe unatzen eta zatitzen baita, hala ardurarik ez duen bati edo konturik egiten ez duenari bere maleziaz darauntsanak ere ematen dio bere buruari gaitz gehiago. Egun batez galdegin zioten Dionisio filosofoari ea zertaz egin ziezaiokeen gizon batek bere etsaiari damurik eta atsekaberik gehiena. Eta ihardetsi zuen hitz gutxiz eta laburzki: –Prestu izateaz. Etsaiak nahi luke betiere aurkitu zure baitan zenbait falta; eta aurkitzen duenean, atsegin hartzen du, eta aurkitzen ez duenean, damu. Eta handik esan ohi da gaizki gobernatzen denak, faltatan erortzen denak atsegin egiten diola bere etsaiari. Beraz, goberna ongi, bizi prestuki, ez zeure burua abantailatan hartzera utz, ez ihardets, ez konturik egin. Zeren nola ur hotza baita eltzearen irakina gelditzeko erremedioa, eta bai sutik apartatzea eta egurrak kentzea ere, hala da kolera hozteko eta iraungitzeko bigarren erremedioa: eltzeari dirakienean egiten diozuna zeure kolerari ere egitea. XXIII KOLERA IRAUNGITZEKO HIRUGARREN ERREMEDIOA: EZ ORDUAN LEHIATZEA, KOLERA IRAGAN ARTE PAUSATZEA Hirugarren erremedioa ez haserretzeko eta kolera iraungitzeko aurkitzen dena da Livio filosofoak bere dizipulu Teodosio enperadoreari eman ziona, esaten ziola (Aurelio Victor, “Theodosii vita”, De vita et moribus imperatorum, 48. k., 14-15): –Badakit, enperadore handia, zenbait aldiz haserretuko eta koleran jarriko zarela. Bada, ordurako eman nahi dizut kontseilu on bat. Hala zarenean, ez kexa, ez lehia, ez berehala abia, itxaron apur bat; ez ezazu deus egin, ez esan eta ez aitzina A, B, C eta haiei darraizkien beste letrak esan arte; edo hartarako, espazioa, bitartea eta denbora iragan arte har ezazu hainbeste asti eta pazientzia. Honetara dio Espiritu Santuak (Es 25:8): –Ne proferas in iurgio cito. Ez dezazula liskarrean ahotik hitza azkar atera. Kontseilu hau berau eman zion bere nagusi Atenedoro filosofoak ere, etxetik partitzerakoan, Oktavio Augusto enperadoreari. Eta kontseilua hain parte onera hartu zuen enperadoreak, non urte bat gehiago eduki baitzuen etxean kontseilari. Anitz bestek ere egin du gogoeta hau, aurkitu du koleraren kontrako erremedio hau: erakutsi du hitzez eta obraz ere on dela kolerak diotsona apur bat luzatzea, balantzan bezala edukitzea, ez berehala erabakitzea. Zeren kolera eta lehia ez dira kontseilari onak. Eta badio Senekak ere (De ira, II, 28. k., 8): –Magnum remedium irae est mora. Hiraren, mendekatzeko desira desordenatuaren erremedio handia da luzatzea, pausatzea, ez lehiatzea. Zeren Zizeronek dioen bezala (De Officiis, I, 88-89): –Numquam iratus mediocritatem illas tenebit quae est inter nimium et parum. Ez du behin ere gizon haserretuak behar den neurria begiratuko; arrisku da, gutxiz edo soberaz, huts egin dezan. Eta hala, haserre zarenean, zaren beldur, zaude gibela, ez dagizula orduan gogoak diotsun gauzarik. Zeren orduan itsu zara, ero zara, nahasia zara, desarrazoia ere arrazoi iruditzen zaizu. Marinelak, denbora eder denean, bela egiten du, baina tormentan geldi dago. Hala, bada, zu ere, nola haserre zarenean denbora gaiztoa baita, zaude geldirik, zaude portuan, zaude etxean, pausa ezazu, ez deus egin eta ez esan denbora eder artio, koleraren tormentak diraueno. Zeren Menandrok dioen bezala: –Omnia quae iratus agis, postmodum errata invenies. Haserreturik egiten duzun guztia edirenen duzu, ondoan, gaizki egina dela. Eta badio Senekak ere (Proverb. ): –Finis irae initium est poenitentiae. Hiraren eta koleraren amaiera eta bukatzea da urrikitzearen hastea. Herodes, izen honetako lehenbiziko errege jentil hark hil zuen Mariamnes bere emaztea koleran, jelosiaz, goganbehar batez, eta hain arinki, laburki eta lehiatuki, non munduak jakin zuenerako egin baitzen kolpea (F. Josefo, Antiquitate Judaicae, 9. k.). Baina gero, kolera hozturik eta hobeki informaturik, jakin zuenean egia eta izan segurantza hoben gabe hil zuela, hain dolutu eta atsekabetu zen eta etorri zoratzeko puntura, non gero bere etxeko zoko guztietan, bere izenaz deitzen zuela, bere emaztearen bila oihuz baitzebilen, hartan bere lehengo erokeriaren gainera beste bat, are handiagoa, egiten zuela. Koleran zarenean egiten duzu anitz erokeria, eta gero, kolera hura joan zaizunean, etortzen zaizu erokeria haien urrikia eta egin ez bazenitu nahia. Eta are, lehen besteren kontra haserretzen zinena, orduan, Senekak dioen bezala (Proverb. ), zeure buruaren kontra haserretzen zara: –Iratus cum irasci desierit, tunc irascitur sibi. Haserrearen obrak ez dira behin ere konplituak, beti dira zerbaiten eskas, hartzaren eta oraren umeak diren bezala. Zeren amak diren koleratsu, halatan dira umeak ere faltatsu, hartzarenak enbor bat bezala eta orarenak itsu sortzen baitira. Laudatzen da Arkita Tarentino hura, zeren, bere burua koleratua ezaguturik, esan baitzion bere lagun bati (Laktantzio, De ira Dei, 18. k.): –Caederem te, nisi irascerer. Zeha hintzaket, baldin haserre ez banintz. Esan balio bezala: –Esker emaiok ene koleran egonari, zeren bestela hartuko hituen egun heureak. Laudatzen da, halaber, Platon famatu hura, zeren bere adiskide bati zeharazi baitzion bere mutila, beldurrez berak bere koleran barrenegi sar zitzan eskuak. Ikusazu nola filosofo haiek, gizon zuhur adimentsu haiek begiratzen ziren bere haserreetan, beldur handi batekin gobernatzen ziren bere koleretan, zeren baitzekiten gizon koleratua ero baten pare zela, ez zegoela bere baitan. Halatan dio san Basiliok (Hom. De ira): momentanea quaedam insania est ira, erokeria labur bat dela hira, kolera. Eta uste zuen Platonek ezen gizon haserrearen eta adimenetik jauziaren erokeriak ez zuela beste diferentziarik, batak gutxiago eta besteak gehiago irautea baizik, zeren haserretuari azkarrago iragaten baitzaio bere haserrea ero-eroari bere erotasuna baino. Baina gainerakoan, bata haserre eta bestea ero diren bitartean, hain ongi lot, uzkal eta esteka dezakete bata nola bestea, zeren orduan biak baitira berdin, biak baitira ero. Eta nola baita erokeria handia eroari, adimenetik jauzia dagoenari predikatzea, kontseilu ematea eta zuhurtziaz mintzatzea, hala da halaber erokeria ez ttipia kolera handi batean itsutua eta irakina dagoenari, hala dagoenean, hitzarmenez mintzatzea, bere etsaiari barka diezaiola esatea. Zeren bere bero hartan, koleraren lehenbiziko enbatan, abiaduran eta indarrean, ez da bere buruaren jaun eta ez jabe. –Nec ira consilii est repletus capax (Agustin, Ad fratres in eremo, 9. serm.). Koleraz beterik dagoena ez da kontseilu hartzeko gai. Aitzitik, baldin orduan inork halako gauzarik, itunezkorik aipatzen badio, aipatzeaz beraz ere amorratzen da, erretzen da, arneguz eta juramentuz hasten da. Eta hala, baldin haserre direnen eta auzitan dabiltzanen artean hitzarmenik eta itunik egin nahi baduzu, ez berehala lehenbiziko egunean ekin; utz itzazu, baldin nahi baduzu kolpea seguru egin, apur bat hozten, unatzen eta elkar bipiltzen. Zeren medikuak ere ez dio eritasunari goren puntuan denean, ezinbestez baizik, purgarik ematen. Beraz, honelatan on da Livio filosofoak eman zuen kontseilua hartzea: haserre denean apur bat itxarotea, zenbait denbora deus egin gabe iragaten uztea. Zeren Estazio poetak dioen bezala (Tebaida, X, 704-705 berts. ): –Da spatium tenuemque moram, male cuncta ministrat impetus. Lehiak, kolerak ez du gauzarik ongi egiten; guztiak hasten ditu gaizki, eta bukatzen gaizkiago. Utzi behar da, beraz, apur bat hozten eta iragaten. Zeren hau da kolera iraungitzeko hirugarren erremedioa: hark diraueno ez deus egitea, pausatzen uztea. XXIV KOLERA IRAUNGITZEKO LAUGARREN ERREMEDIOA: KONTSIDERATZEA ETSAIEK EGITEN DIZKIGUTEN BIDEGABEAK JAINKOAREN GAZTIGUAK DIRELA Laugarren erremedioa kolera iraungitzeko eta etsaiak egiten dizkigun bidegabeak ere pairatzeko da Jainkoaren ordenamendua kontsideratzea, eta pentsatzea etsaiek egiten dizkiguten atsekabeak Jainkoaren eskutik heldu direla, hark permititzen dituela, haren purgak direla. Honen arabera esan zion gure Salbatzaileak berak heriotza errezibitzerakoan jondoni Petriri (Jn 18:11): –Calicem quem mihi dedit Pater, non vis ut bibam illum. Ez duzu nahi neure Aitak eman didan kaliza edan dezadan? Heriotza errezibi dezadan? Hark ordenaturik dauzkan penak eta lanak paira ditzadan? Jainkoaren ordenamendu honi behatzen zion errege Dabid santuak Semei zeritzan batek madarikazioak egozten zizkionean. Eta hala esan zion Abisairi, madarikazio haien egozlea gaztigatu nahi zuenari (2Sm 16:11): –Dimitte illum ut maledicat iuxta praeceptum Domini. Utzazu madarika nazan Jaunaren aginduaren arabera. Zeren ez lezake, ez, gizon horrek horrelako ausartziarik har, baldin Jainkoak permitituko eta esku emango ez balio. Utzazu, beraz; esan beza nahi duen guztia; konpli beza Jainkoaren agindua eta ordenamendua. Etsaiak Jainkoaren azoteak eta zigorrak dira. Etsaiak Jainkoaren justiziaren mutilak eta borreroak dira. Beraz, ez gara haien kontra haserretu behar. Zeren, zer hoben du azoteak? Zer kulpa du borreroak? Baldin pertsona batek hausten badizu harri batez burua, zer falta du harri hark? Zergatik eman behar diozu harri hari kolperik? Orak egiten du hori, pertsona utzirik, lotzen baitzaio harriari. Esan ziotenean Job santuari haren ardiak, gameluak eta beste ondasunak ere eraman zituztela ohoinek, ez zen batere haserretu eta ez arranguratu ohoinen kontra, zeren baitzekien ezen ohoin haiek Jainkoaren justiziaren mutilak zirela eta, zeren Jainkoak permititu baitzien, bere ardiak eta gainerako ondasunak ere eraman zizkiotela. Eta halatan, ohoinez kontu gutxi eginik esan zuen (Jb 1:21): –Dominus dedit, Dominus abstulit, sicut Domino placuit ita factum est, sit nomen Domini benedictum. Jaunak eman, Jaunak edeki; Jaunak plazer zuen bezala egin da. Biz, bada, Jaunaren izena benedikatu. Ikusten duenean haurrak bere amaren eskuan zigorra eta hartaz eman nahi diola, behatzenago dio amari zigorrari baino, zeren baitaki ezen, baldin amak nahi ez badu, ez diola zigorrak minik egingo. Hala, bada, guk ere etsaiak ditugunean eta haiek kalteak eta bidegabeak egiten edo egin nahi dizkigutenean, behatuago behar diogu Jainkoari eta haren miserikordiari etsaiei baino, zeren etsaiek, baldin Jainkoak permititzen ez badie eta gibelatu nahi baditu, ez baitigute kalterik egingo. Eta halatan esan zion gure Salbatzaileak ere Pilatosi: –Non haberes in me potestatem, nisi datum esset desuper (Jn 19:11). Ez zenuen ene gainean eskurik eta ez botererik izango, baldin eman ez balitzaizu handik goitik. Zeure etsaiek anitz bidegabe egiten dizute, eta ikusten ditu Jainkoak bidegabe haiek; badakizki. Eta nahi balu ez liezazuten halakorik egin, debeka litzake. Ordea, ez du debekatzen. Zeren san Agustinek dioen bezala (De Civitate Dei, I, 29. k.): –Cum Deus adversis rebus exagitat, aut merita examinat, aut peccata castigat, aut mercedem mihi aeternam pro malis toleratis servat. Zeure etsaiek egiten dizkizuten bidegabe haietaz, edo nahi ditu Jainkoak zure obrak eta merezimenduak ea finak eta egiazkoak direnetz frogatu eta etsaminatu, edo zure bekatuak hemen, bestetan ez gaztigatzeagatik, gaztigatu, edo, azken finean, haien pairamenduaz eta sufrimenduaz, haiek pazienteki pairatzen eta sufritzen dituzula, pagamendu handi bat, zeruko loria, eman. 1 Etsaiak eta fortuna gaiztoak dituzunean, bidegabeak egiten dizkizutenean, orduan behar diozu Jainkoari behatu, hartaz oroitu, harekin kontsolatu, eta zeure baitan pentsatu haiek guztiak Jainkoak igortzen dizkizula, eta noiz eta mundu honetarako baitihoakizu gaizkienik, orduan –baldin zerori nor bazara– dihoakizula beste mundurako hobekienik; eta Jainkoak uste balu ez zarela harentzat izango, halako penarik eta atsekaberik ez liezazukeela eman, baina utz zintzakeela nahi duzun guztia egitera eta zeure plazerera bizitzera. Medikuak, etsiz gero, esperantza galduz gero, uzten dio eriari nahi duena egiten, nahi duen bezainbat nahi duenetatik jaten eta edaten; ez dio deus debekatzen, zeren etsi baitu. Baina duenean esperantza sendatuko dela, debekatzen dizkio erdi gauzak, apetitu gutxi uzten dio konplitzen. Hala, bada, gure Jaungoikoak ere bekatore eriari, esperantzatan denean sendatuko eta salbatuko dela, debekatzen dio anitz gauza; ez dizkio bere plazer guztiak konplitzen uzten; ematen dio anitz purga eta malenkonia; nahi du izan ditzan etsaiak eta egin diezazkioten bidegabeak. Eta hura guztia seinale ona da. Zeren hartan da ageri ez duela oraino Jainkoak hartaz etsi, ez duela gogatu eta ez esperantza galdu. Eta hau da kontsolamendu handia etsaiak dituenaren eta bidegabeak errezibitzen dituenarentzat: jakitea eta kontsideratzea haiek guztiak Jainkoaren purgak eta azoteak direla, eta guztiak haren probetxutan direla; eta hala, ez etsaiagandik, baina Jainkoagandik –adiskide guztien gaineko adiskideagandik– heldu direnak bezala errezibitu behar dituela. Eta baldin hala errezibi balitza eta bagenitza, ez gintezke, egiten garen bezala, etsaiaren kontra kolera eta ez geure baitan barrena ere egos eta malenkonia. Esango duzu ez zarela, ez, haserretzen etsaiaren kontra, egiten edo esaten dizkizun gaizkiengatik; ez duzula hargatik gaitzesten, zeren badakizula haiek guztiak Jainkoak permititzen dituela. Baina gaitzesten duzula bere intentzio gaiztoagatik, borondate uherragatik, zeren zuk hari okasiorik eman gabe eta bidegaberik ere egin gabe, guztiarekin ere, hala darraizun eta gaitz nahi dizun. Honela esaten duzu; ez, ordea, ongi. Zeren zuk ez duzu behatu behar zeure etsaiaren borondate gaiztora, baina behatu behar duzu zeure Jainkoaren borondate borondatetsura. Zeren haren borondatea eta intentzioa da etsaiak egiten dizkizun gaizki haietaz zuri ongi egitea; haietaz nahi zaitu orain hemen penatu, gero bestetan ez penatzeagatik. Zauri gaizto bat, burdina goriaz jo gabe ezin senda daitekeena duzunean, baldinba ez zara burdina goriaren kontra –zeren erretzen zaituen eta min egiten dizun– haserretuko? Baldinba, ez zara hain ero izango. Baina pazienteki pairatzen duzu, zeren baitakizu ezen burdina hura erabiltzen duen barberuaren intentzioa eta borondatea ona dela, zein baita garrantzizkoena. Hala da, bada, zure Jainkoaren intentzioa eta borondatea ere ona eta onera emana, zure etsaiarena gaiztoa eta hala-nolakoa izanagatik ere. Beraz, Jainkoaren borondateari behatu behar zaio, eta ez etsaiarenari. Eta baldin hau honela estimatzen eta pentsatzen badugu –nola egin behar baitugu, zeren hala baita egia–, geure baitan sosegatzeko eta etsaiak egiten dizkigun kalteengatik ez haserretzeko eta kolera iraungitzeko erremedio handi bat aurkituko dugu. XXV KOLERA IRAUNGITZEKO BOSGARREN ERREMEDIOA: KONTSIDERATZEA ZER MOLDEZ DAGOEN ZURE ETSAIA HASERRE DENEAN Kolera iraungitzeko, etsaiaren kontra ez haserretzeko eta mendekatzetik ere gibelatzeko, erremedio ona da kontsideratzea nola, zer moldez eta zer egoeratan dagoen zure etsai hura haserre denean, mendekatu nahirik koleratua, zutaz gaizki esaten duela dabilenean. Eta aurkituko duzu –lehen ere aditzera eman den bezala– orduan zure etsai hura itsu dela, ero dela, zentzutik eta adimenetik kanpoan dela. Beraz, nola, baldin bazenu anaia bat eroa eta adimenetik jauzia, eta hark anitz gaizki egin eta esango balizu eta bere buruari ere zenbait kolpe gaizto emango balio, damuago baitzenuke zeure anaia haren kalteaz eta haren hala izateaz, egiten eta esaten dizkizun bidegabe guztiez baino, hala, halaber, behar duzu izan damuago zure etsai kolerak erauzirik dagoen hark bere buruari egiten dizkion kalteez, zuri egiten dizkizunez baino. Haur batek edo sukarrarekin nahasirik dagoen batek edozein gauza esanagatik, ez zara batere asaldatzen eta ez zeure sosegutik mugitzen, zeren baitakizu ezen haiek ez dakitela zer mintzo diren eta ez zer ari diren. Hala, bada, koleran dagoenak ere ez daki zer mintzo den eta ez zer ari den. Eta halatan, halakoagatik eta halakoengatik egin zion otoitz gure Salbatzaileak bere Aitari, esaten ziola (Lk 23:34): –Pater, ignosce illis quia nesciunt quid faciunt. Aita, barka iezaiezu; ez dakite zer ari diren, zeren koleran baitaude. –Cogita quod non est in se, qui vituperat, sed insanit, et non moleste feres contumelias ipsius –dio san Krisostomok (88 hom., Mateo 27)–. Pentsa ezazu ez dagoela bere baitan gaizki esaten ari dena, baina adimenetik kanpoan dela; eta baldin hala pentsatzen baduzu, errazki pairatuko dituzu egiten dizkizun bidegabeak. Pertsona haserretuak ez du bere burua ezagutzen eta ez inor ikusten; itsu da. Eta itsuak talka egitea eta, iragatean, aurizkitzea ez da miresteko. Ez zara hargatik haserretu behar, eta haserretzekotan ere, zeure buruaren kontra haserretu behar zara eta ez itsuaren kontra eta ez koleran dagoenaren ere, zeren zu baitzara argi eta hura itsu, zu zuhur eta hura ero, zu zeure tentuan eta zentzuan, eta hura handik atean eta kanpoan. Beraz, paira beza zuhurrak eroa, argiak itsua, eta kolerarik ez duenak koleran dagoena. Hau da erremedio ona etsaiari barkatzeko eta pairatzeko, haren egin-esanez konturik ez egiteko: nola eta zer moldez dagoen koleran dagoenean kontsideratzea. XXVI KOLERA IRAUNGITZEKO SEIGARREN ERREMEDIOA: EZ BILATZEA ZER DIOTEN GUTAZ JENDEEK Bere soseguan egoteko, asaldatu gabe eta haserretu gabe bizitzeko, ez da bide gaiztoa gutaz jendeek zer esaten duten ez bilatzea eta ez galdegitea. Hala esaten du Senekak (De ira, III, 11. k., 1): –Non expedit omnia videre, omnia audire, multae iniuriae nos transeant, ex quibus plerasque non accipit qui nescit. Ez da komenigarri, ez da on gauza guztiak jakitea, ikustea, eta ez, entzutea; iragan bedi anitz gauza guk jakin gaberik, zeren ez dakienak ez du damurik hartzen. Nahi baduzu sosegu onean eta haserretu gabe egon, ez sobera galde, ez sobera bila. Bila dabilenak aurkituko du, eta, batean ez bada bestean, bere burua egitekotan ipiniko du. Ez da on barrandari izatea; ez da on zelatan egotea eta ez iragaten diren gauza guztiak jakitea. Anitzetan ere ekartzen dizkigute eleberriak, esan-mesanak; entzuten dugu zer dioten urliak eta sandiak, honelakok eta halakok, eta geu ere jakiteko desiraz gara. Baina gero, handik jauzten eta koleratzen gara. Eta are, orduan anitz gauza egin behar dugu geure ohoreagatik ere, baldin jakin ez bagenu, ez baikinen halako egitekotan izango. Eta hala, hobe da anitz gauza ere ez jakitea. Eta are gehiago: jakinagatik ere, on da disimulatzea, ez jakin irudi egitea, ez jabetzea, ez bere gainera hartzea, edo desenkusatzea. Errege Saulez, erregetu berrian, mintzo ziren jende batzuk gaizki eta hain hurbil eta hagitz, non erregek berak aditzen baitzituen. Ordea, burua beste aldera itzuli eta disimulatu zuen, ez aditu irudi egin zuen: Dissimulabat se audire (1Sm 10:27). Eta halatan, handik pitz zitekeen su guztia iraungi zuen. Egun batez Arkelao erregeari, karrikan iragaten zela, aurtiki zioten zenbait ur burutik behera. Eta ez dakigu ala ustekabean ala berariaz. Baina konpainiakoak hasi ziren esaten hura zela ausartzia handia, eta baldin gaztigatzen ez bazen, hurrengoan gehiago egingo zutela. Ordea, berehala erregek berak sosegarazi zituen, esaten zuela (Plutarko, Aphothegmata): –Non me respersit. Euzue bakea; ez da bidegaberik egin. Ur hau aurtiki duenak ez nau ni busti, zeren ez zekien ni nintzela. Ez zuen bere gainera hartu eta, halatan, hobekiago eta errazkiago erremediatu zuen, eta iraungi, piztera zihoan sua. Vespasiano enperadoreak hain zuen kondizio ona eta onera emana, ezen nahi ez zuen bezala edo haren pertsonari ez zegokion bezala inor mintzatzen zitzaionean, edo disimulatzen zuen edo zenbait hitz jokalariz eta jostailuz, zenbait irri egiteko solasez ederreztatzen zuen, eta gero, bere zegokion ohorearekin, deus galdu gabe, gelditzen zen (Aurelius Victor, De vita et moribus imperatorum). Hala, errege Antigonok ere, aurkitu baitzen egun batez hartaz gaizki mintzo ziren konpainia batean, esan zien (Seneka, De ira, III, 22. k., 2): –Longius discedite, ne vos rex audiat. Zoazte urrunago, erregek adi ez zaitzaten. Beraren kontra mintzo ziren eta berak aparta zitezela esan zien. Eta handik, bera laudoriorekin eta besteak ahalketuak gelditu ziren. Jakinez gero, entzunez gero eta, entzunari jabeturik, bere gainera hartuz gero, gaitz da koleratu gabe, mendekatzen saiatu gabe, kolperik egin gabe, edo auzitan edo egitekotan sartu gabe gelditzea. Zer erremedio, bada, hauetatik guztiotatik eskapatzeko? Ez deus galde, ez bila, ez jakin. Eta jakinez gero ere, egin ez jakin irudi, disimula, ez egitekoari jabe, ez bere gainera har; egin bere burua itsu, mutu eta gor. Hau da erremedio ona kolera iraungitzeko, bere buruari egitekorik ez emateko, diferentziatan inorekin ez sartzeko eta, bakean eta soseguan, koleratu gabe egoteko. XXVII KOLERA IRAUNGITZEKO GAINERAKO BESTE ERREMEDIOAK KAPITULU HONETAN LABURZKI EZARRIAK Pairu eta pazientzia izateko, bata bestearekin ez haserretzeko, kontsidera dezagun ezen Adanen seme guztiok –eta guztiz ere kristauok– gorputz bat garela, eta gorputz honen buru Jesukristo gure salbatzailea dela. Hala esaten du jondoni Paulok (Erm 12:5): –Unum corpus sumus in Christo Iesu, singuli autem alter alterius membra. Gorputz bat gara Jesukristo baitan, eta bata bestearen menbru eta parte. Beraz, honelatan, elkar onetsi behar dugu, gorputzeko menbruek eta parteek elkar onesten duten bezala. Gorputzeko menbruetan ez da inbidiarik eta ez mendekurik. Oinak zerbitzatzen du eskua, eta eskuak oina. Oinari, behaztopatuagatik, ez dio eskuak kolperik ematen. Hortzek mihia ausikitzen dutenean, nork hargatik ateratzen ditu hortzak? Begiak leku goragoan daude oinak baino, ordea hargatik begiek ezertan dauzkate oinak, estimatzen dituzte, ez dituzte arbuiatzen. Aitzitik, ahal dagiten guztia elkarri laguntzen diote, eta baldin egiten ez badute, bere kaltetan huts egiten dute; zeren baldin begiek argitzen ez badiete oinei, oinak behaztopatuko dira eta begiak iraziko. Sabelak jaten ez badu, zangoak argalduko dira, eta bai sabela bera ere ihartuko. Ez laguntzea batbederak bere kaltetan egiten du. Eta halatan, hau ikusirik, guztiek elkar daukate, elkarri laguntzen diote, elkar onesten dute. Eta batak besteari zerbaitetan huts eginagatik, elkarri pairatzen eta barkatzen diote. Hala, bada, guk ere elkarri pairatu eta barkatu behar diogu eta amodio eduki, zeren gorputz bat eta gorputz bateko menbruak eta parteak baikara. 1 Halaber, kolera iraungitzeko on da lanen bati lotzea, bestetan pentsatzea, gogoa aldatzea. Hala esaten dute egiten zuela Klimas zeritzan batek: koleraren eritasunaz ukitua sentitzen zenean, aldatzen zela beste egitekotara, soinuz eta kantuz hasten zela, eta, halatan, bere gaitza eta kolera ahanzten zitzaizkiola eta sosegatua gelditzen zela (Eliano, Varia historia, XIV). Halaber, erremedio ona da kolera gibelatzeko kontsideratzea zeuk ere anitz huts eta falta egiten duzula, baina hargatik ez duzula zeure burua zehatzen eta ez penatzen. Erremedio hau ukitu zuen Senekak, esan zuenean (De ira, II, 28. k., 4): –Poterit non irasci statim utique, si sibi tacitus ad singula, quibus offenditur, dixerit: Haec et ipse commissi. Badagoke haserretu gabe bidegabeak errezibitzen dituena, baldin orduan berean esaten badio isilik bere baitan bere buruari: “Nik neuk ere egin nuen noizbait honenbeste”. Eta badio san Gregoriok ere (Moralia, V, 45. k., 81): –Quasi aqua ignis extinguitur, cum surgente furore animi, sua cuique ad memtem culpa revocatur. Quia erubescit, peccatis non parcere, qui vel Deo vel proximo saepe se recolit parcenda peccase. Ura suaz iraungitzen den bezala, iraungitzen da kolera ere batbederak bere faltak gogoratzeaz. Zeren ahalketzen da, edo ahalketu behar luke, besteri ez barkatzeaz berak barkakizun gehiago edo hainbeste duenean. Ez da zuhurtzia faltatan erortzen denak faltatan erortzen dena gaitzestea eta gaztigatzea, zeren, halatan, berak ere bere burua gaitzetsi eta gaztigatu behar bailuke. 2 Halaber, kolera iraungitzeko on da adiskide bat, mezenas bat aldakan izatea, hark, limurtzera zoazenean, kolerak itsuturik erokeria bat egitera zaramatzanean kapatik tira zaitzan, abisa zaitzan eta erortzetik begira zaitzan. Gizon bat zihoan behin bere gogoz beste bat hiltzera, eta ikusirik bere adiskide batek nola zihoan, galdegin zion: –Nora zoaz horrela armaturik? Ihardetsi zion: –Honelakoa, urlia, hiltzera noa. –Eta zer izango da, baldin hark zu hiltzen bazaitu? –Ez nintzen horretaz oroitzen. Adiskideak oroitarazi zuen, eta oroiturik, gibelera bihurrarazi zuen. Anitzetan egin zion ofizio hau Mezenas bere adiskideak Augusto Zesar enperadoreari. Eta guztiz ere egun batez, enperadore hark kolerak itsuturik eman baitzuen sententzia gaizto bat eta haren arabera jende handia baitzeramaten galtzera, idatzi zion Mezenas bere adiskideak eta igorri eskutik eskura, bera jendartean urrun egonez, gutun labur bat, esaten ziola (Zonaras, Annales): –Surge carnifex. Jaiki hadi, karnazera! Ikusak zer ari haizen, borreroa! Enperadoreak gutun hura hain laburra eta zinezkoa errezibitu zuenean, nork egina zen izenik ez bazuen ere, ezagutu zuen bere adiskidearen letra eta eskua, hartu zuen parte onera eta, berehala, bere falta ezaguturik, kolerak eragin ziola ikusirik, barkatu zien guztiei. Anitz balio du adiskide leial bat bere konpainian izateak, hark egiak esan diezazkion eta, deus esan gabe ere, ukondoaz uki dezan edo begiaz keinu egin diezaion. Zeren batzuetan gehiago egiten du keinuak, mihiak baino. Gauza bat egitera zoazenean eta zeure adiskideak ez dagizula esaten dizunean, ez ezazu egin, gibela zaitez. Zeren eskuarki orduan hobeki dakusa zure adiskide hark, zuk baino. Zeren zuk, nola baitzaude asmoa hartuta eta bai batzuetan pasionatua eta itsutua ere, ez duzu den guztia ikusten. Baina zure adiskideak ez du pasiorik, argi ditu begiak; hark den bezala eta behar bezala ikusten du. Ez zait egundaino neure adiskidearen abisuaren kontra egin dudan gauzarik ongi gertatu. Medikuak ere, munduko hoberena bada ere, eritzen denean, beste medikuen eskuetan uzten du bere burua, besteren abisuz eta ordenantzaz medizinatzen eta artatzen da. Bada, koleran dagoena eri da. Beraz, nahi badu sendatu, beha bekio bere adiskideari, goberna bedi haren kontseiluz eta abisuz, zeren halatan aurkituko da ongi, eta ez bestela. Alegia: ez koleratzeko eta kolerak dioskun gauzarik ez egiteko, oraingoz azken erremedioa da kontsideratzea eta geure baitan barrena pentsatzea zein gauza ona, plazenta eta ondore onekoa den ez ihardukitzea, mendeku bila ez ibiltzea, bakean egotea. –Quis enim labor est fratri indulgere conturbanti? Labor quidem in remittendo nullus; in retinendo autem inimicitias, maximus. Siquidem iracundia liberari, maximam reddit menti quietem, et valde hoc est facile volenti. Neque enim, necesse est maria transfretare, nec longi itineris peregrinationem subire, nec montium excelsa ascendere, nec pecuniam impendere, nec corpus intendere; sed sufficit velle tantummodo. Zer trabailu da etsaiari barkatzea? Ez bat ere –dio san Krisostomok (20. hom., Mateo 6)–, zeren ez da hartarako itsasorik iragan behar, ez bidean ibili, ez mendian gora igan, ez dirurik gastatu, ez gorputzik higatu eta ez beste lanik hartu; nahia behar da eta ez besterik. Baina egiteko handia da eta penagarria ez barkatzea, ea nondik edo nola mendekatuko den betiere gogoetan egotea. Eta ezpere, konpara itzazu, eta komunzta elkarrekin, etsaitasunean eta mendekatzeko desiran ibili zaren denbora eta, etsaitasunik gabe, bakean egon zarena edo zaudena. Ikusiko duzu zer diferentzia den bien artean, zenbat doan batetik bestera. Aurkituko duzu ezen lehen, anitzetan ere, konpainia batzuetatik aldaratu behar zenuela, zeren han gertatzen baitzen zenbait zure etsai. Halaber, aurkituko duzu lehen zinela gerlan eta orain zarela, biktoria erdietsirik, bakean. Zeren san Krisostomok dioen bezala (3. hom., Joan 1): –Victoria contra iram est, quidem maxima, non cum iniurias ulciscimur, sed cum eas aequo animo toleramus. Etsaitasuneko biktoria eta garaitia ez dago, ez, mendekatzean eta ez ordaina bihurtzean edo doblea, baina dago barkatzean eta bidegabeak pazienteki pairatzean. Zeren orduan zeure etsaia, zeure burua eta Deabrua ere garaitzen baitituzu, eta arima eta gorputza ere bakean, soseguan eta seguruan ipintzen, zein baita gauza handia, laudatzekoa eta, lehen baino lehen, gerorako begira egon gabe, etsaitasuna uzteko lehenen gainera erremedio ona eta kontsideratzekoa. XXVIII ZERGATIK BEHAR DIOGUN GEURE ETSAIARI BARKATU ETA AMODIO EDUKI. LEHENBIZIKO ARRAZOIA: ZEREN JAINKOAK AGINTZEN BAITU Esan dugu zenbat kalte egiten duen mendekatzeko desira desordenatuak eta handik sortzen den gaitzerizkoak. Ipini dugu, halaber, zenbait erremedio eta kontsiderazio ez haserretzeko, mendekuak uzteko eta kolera iraungitzeko. Bada, orain behar da jakin eta kontsideratu materia honetako punturik garrantzitsuena: ea nola behar dugun geure etsaiarekiko gobernatu; behar dugunetz etsaia onetsi ala gaitzetsi. Eta baldin onetsi behar badugu, ea zergatik, zer kausaz edo arrazoiz behar dugun onetsi. Lehenago, Lege Zaharrean, legea gaizki aditurik, ez zeukaten bekatu etsaia gaitzestea, zeren nola legeak agintzen baitzuen adiskideak onets zitzatela eta etsaiez ez baitzuen deus esaten eta konturik egiten, handik ateratzen zuten, beraz, etsaiak gaitzets zitzaketela. Baina zerutik lurrera jaitsi zenak erakutsi zuen zer egin behar zen honetan ere, esaten zuela (Mt 5:46 & 44): –Si enim diligitis eos qui vos diligunt, quam mercedem habebitis, nonne et publicani hoc faciunt? Adiskidea onesteaz, zer irabazi, zer esker eta merezimendu uste duzue izango duzuela? Jentilek, Jainkorik ezagutzen ez dutenek eta jende gaiztoek ere egiten dute hori, haiek ere onesten dituzte bere ongi-egileak. Diligite inimicos vestros: etsaiak, etsaiak onetsi behar dituzue. Gaizki egiten dizuetenei egin behar diezue ongi. Eta zenbatenaz eta haiek zuei gaizkiago, hainbatenaz zuek haiei ongiago. –Vince in bono malum (Erm 12:21). Ongiaz gaizkia garaitu behar da. Ordea, zergatik onetsi behar dugu geure etsaia? Egiten digunari gaizki, zergatik egin behar diogu ongi? Dugun jakin, dugun bila zenbait arrazoi. Lehenbiziko arrazoia, alde guztiz lehenbizikoa, ezetz ezin esan dezakegun bezala oin-eskuetan lotzen gaituena da Jainkoaren agindua eta borondatea (Mt 5:44): –Ego autem dico vobis, diligite inimicos vestros. Nahi duenak esan beza nahi duena, baina nik esaten dizuet zuei onets ditzazuela zeuen etsaiak. Pitagoras filosofo handi haren dizipuluek ez zuten beste agindurik behar eta ez arrazoirik, jakitea baizik haien nagusiak esan zuela (Zizeron, De natura Deorum): –Nagusiak esan du; nagusiak agindu du. Beraz, hala da eta hala egin behar da. Hau zen haien hizkuntza. Bada, guretzat, guk geure etsaia onesteko, ez da aski izango onets dezagula Jainkoak agintzen duela jakitea? Pertsona batek bidegabe bat egiten dizunean gertatzen da enplegatzen direla bitartekoak eta arartekoak ongundeak egiteko. Lehenbizikorik etortzen zaizu zeure lagun bat, zeure adiskide-kide bat, eta hark esaten dizu: –Badakit urliak bidegabe egin dizula, baina urrikitan dago, damu du, ezagutzen du bere falta; eta, hala, enegatik barkatu behar diozu, adiskidetu behar zarete. Honela esaten dizu zeure lagun adiskideak. Baina zuk hari errazki esaten diozu ezetz, ez duzula nahi, zeren ez baitzatzaizkio ahalke, ez baitaukazu zeure burua baino gehiagotzat. Zure lagun haren ondoan, hark deus ezin egin duenean, etortzen zaizu beste ararteko bat, handiagoa eta errespetagarriagoa. Eta ez hain errazki nola lehenari, baina, zeren kolera handian baitzaude, hari ere ematen diozu eza; esaten diozu ez dakizula, otoi, gauza hartaz mintza, zeren sobera zaudela errea, zauritua eta giharrean ukitua. Azkenean enplegatzen da errege bera, eta hark berehala hausten zaitu, beratzen zaitu, ez zatzaizkio ezetz esatera ausartzen. Bada, baldin lurreko parte baten errege bati, egun baldin bada bihar izango ez denari ausartzen ez bazatzaizkio ezetz esatera, mundu guztiko Erregeari, Jainkoari berari, nolatan ausartuko zatzaizkio ezetz esatera, kontra egitera eta, agintzen dizunean onets dezazula zeure etsaia, ez duzula onetsi nahi eta ez diozula barkatu nahi esatera? 1 Esango duzu eskuarki etsaigoan daudenek bere etsaigoa ederreztatzeko eta estaltzeko esaten dutena: –Nik barkatzen diot; ez diot gaitzik desiratzen eta ez ordenatzen. Aitzitik, nik neuretzat nahi nukeen bezainbat ontasun eman diezaiola Jainkoak. Baina ez natzaio mintzatu nahi eta ez dut nahi mintza dakidan. Ez da beste gauzarik, harekin deus ez dudala nahi baizik. Honela esaten duzu, baina ez dakit ongi esaten duzunetz. Zeren badirudi ezen, honela, elkarrekin mintzatzen ez direnak ez direla borondate gaizto gabe. Ezagun dira bere hitzetan eta solasetan; zeren ezin esan dezakete elkarrez ongirik, itxurapenez edo baizik. Obretan ere, elkarren beharra dutenean, elkarri ahal-ez heltzen zaizkio. Bada, gogoaz eta borondateaz denaz bezainbatean, berak ipintzen ditut lekuko, zeren berek dakite zer borondate duten elkarrenganako. Eta baldin ongi pentsatzen eta kontsideratzen badute, aurkituko dute badutela barren hartan zenbait uherdura, zenbait herra eta gorroto, eta ez, dioten bezain bere gogoa eta bihotzak garbi eta argi. Errementaldegian, arotzaren sutegian, hauspoak haize ematetik gelditzen direnean, badirudi ez dela surik, zeren berehala ikatzak ilaunez estaltzen baitira. Ordea, higi itzazu apur bat hauspoak, eta ikusiko duzu nola berehala berriz sua agertzen den. Hala agertzen da, bada, elkarrekin mintzatzen ez direnen arteko borondate gaiztoaren sua ere, den okasiorik ttipienean elkarren behar direnean. Ordea, borondate gaiztorik ez denean, ez mintzatzea bera, ez agurtzea edo ez hizketatzea bekatu ote da? Baldin eskuarki (ikus Kaietano, Summa, “odium” hitza), kristauak kristauekin, ahaideak ahaideekin eta herrikoak herrikoekin bezala, bidean topo egitean deus galdegiten dizunean edo beste kasurik gertatzen denean ihardesten badiozu, agurtzen baduzu eta borondate gaiztorik ez izan, beste gainerakoan laburzki utziagatik, adiskide mami batekin bezala harekin ez ibiliagatik, badirudi ez dela orduan bekaturik, guztiz ere baldin uste baduzu maiz mintzatzetik eta elkarrekin segitzetik etor daitekeela kalte, nola etortzen baita batzuetan. Zeren badira jende batzuk hain okasiotsuak, kide gaitzak, zoritxarreko abegikoak eta elkartze gaiztokoak, non hobe baita halakoei alde egitea eta haien bideetatik eta elkartzeetatik ihes egitea eta aldaratzea, itxarotea baino. Ordea, zeren apartaturik ibiltzeak, elkarren biltzetatik ihes egiteak eta edergailu baizik elkarrekin ez mintzatzeak esan nahi baitu badela bitartean zenbait etsaigo eta borondate gaizto esate hargatik, etsai famagatik eta hartan ematen den eskandaluagatik, baldin esate hura, etsai fama hura eta eskandalua iraungitzen ez baduzu, borondate gaiztorik ez izanagatik ere ez zara arrisku gabe zeure kontzientzian, zeren obligatua zara eta obligatuak gara, baldin barrenean kristau bagara, kanpoan ere kristau garela erakustera eta aditzera ematera. Ez gara obligatuak adiskideekin bezala etsaiekin geure sekretuez eta egitekoez mintzatzera, haiekin maiz ibiltzera eta ez haiengana adiskidetara bezala joatera. Aski da agurtzea, munduak etsai eduki ez gaitzakeen bezala bizitzea, borondate gaiztorik ez edukitzea eta eskandalurik ez ematea. Gainerakoan, nork bere egitekoak egin ditzala eta behar duena behar duenarekin solasta dadila. Egia da, ordea: santu izateko, kristau arruntei abantaila eramateko ez da aski agurtzea, borondate gaiztorik ez edukitzea eta ez eskandalurik ere ez ematea; baina guztiekin behar da izan orobat, guztiekin behar da izan solasturi, amultsu eta xalo. Eta are gehiago: ez da aski gaizki egiten digunari gaizkirik ez egitea, baina ongi egin behar diogu. Zeren hura da santutasuna, perfektutasuna, debozioan konplitu izatea eta Jainkoak karitateaz eta amodioaz eman digun agindua konplitzea. 2 Esan dugu barkatu behar diogula geure etsaiari eta amodio eduki, zeren hala agintzen baitu Jainkoak. –Ordea, noiz agindu ote zuen? –Ostegun Santu arratsean, hil behar zuen bezperan, bere azken finean, kandela bere eskuan harturik bezala zegoenean. Emaztea oroitzen da bere senarrak hiltzerakoan esan zion azken hitzaz, eta bai semea ere orduko bere aitaren kontseiluaz. Bada, gure Jaungoikoak bere azken finean, mundu honetatik bestera abiatzerakoan esan zien bere dizipuluei eta haiekin batean guri guztioi: –Ene dizipuluak, ene kristau maiteak: badakusazue nola nagoen, nola heriotza hurbildu zaidan, sarri hil behar dudan eta neure testamentua eta azken ordenua egiteko ordu dudan. Bada, ene azken ordenua, ene azken borondatea eta agindua hau da: ut diligatis invicem (Jn 13:34; 15:12.17), elkar onets dezazuela, etsaiari barka diezaiozuela. Honetan izango zarete seinale, honetan izango zarete ezagutuak eneak eta ene eskolan eta konpainian haziak eta ikasiak zaretela: In hoc cognoscent omnes quod discipuli mei estis, si dilectionem habueritis ad invicem (Jn 13:35). Badakizue zenbat bidegabe egin zioten Jose patriarka handi hari bere anaiek, nola gaitzetsi zuten eta saldu zuten; eta nola gero, halaber, denboraren buruan, gutxi usterik, bere anaia salduaren beharrera eta menera etorri ziren, herstura handian jarri ziren, hain handian ezen gero, bere aita Jakob hil zitzaienean, hasi baitziren elkargana bildurik elkarri esaten: –Zer izango da bada orain gutaz? Hil da gure aita prestua, ona eta santua; eta hura bizi zeno ongi ginen, seguru ginen, zeren harengatik geure anaiak barkatzen zigun. Baina orain, nor baliatuko zaigu? Norengatik baliatuko digu? Gogoeta handi zuten bere baitan. Eta gogoetak gogoeta eragiten ziela, esan zioten elkarri (Has 50:16-17): –Lehen geure aitagatik barkatu zigun geure anaiak; bada, orain ere harengatik beragatik barkatu behar digu. Eta hartarako joan behar gatzaizkio aitaren partez mintzatzera, eta esan behar diogu haren partez molde honetan: Pater tuus praecepit nobis antequam moreretur, ut haec tibi verbis illius diceremus: obsecro ut obliviscaris sceleris fratrum tuorum et peccati atque militiae quam exercuerunt in te. Nos quoque oramus, ut servo Dei, patri tuo, dimittas iniquitatem hanc. Quibus auditis, flevit Ioseph. –Jauna –esaten diote Joseri bere anaiek–, badakizu zure eta gure aita prestua hil dela, eta hil ere ongi eta santuki, bizi bezala hil ere. Hiltzerakoan zutaz galdegin zuen eta hasbeherapen handi bat eginik, esan zuen: “Non da Jose ene seme maite hura? Esaiozue haren ikusmin handi batekin hiltzen naizela eta neure bedeinkazioa badiodala. Esaiozue, halaber, orainokoan seme onak bezala, beti ene borondatea egin duela eta orain ere egin behar duela. Eta ene borondatea, ene azken adioa eta otoitza dela ez dadin oroit zuek egin zenioten bidegabeaz eta maleziaz, baina nahi diezazuen barkatu eta, halakorik iragan ez balitz bezala, anaitasun on bat eduki eta erakutsi; hau gomendatzen diodala, eta ez besterik; hau dela ene azken adioa, eta hark enegatik egin behar duena”. Honela bere aitaren partez bere anaiak Joseri mintzatu zitzaizkionean, begiak busti zitzaizkion, negarra jauzi zitzaion. Eta nola mendekatuko zen, ezen besarka bere anaiei lotu zitzaien, esaten ziela: –Aitak agintzen dit barka diezazuedala. Bada, halako aitaren agindua, eta halako puntadan eta denboran, arimak egiterakoan emana, nork ez du konplituko? Konplitu zuen; guztiei barkatu zien. Hala, bada, guri ere Jainkoak bere azken finean, hiltzeko denbora hurbildu zitzaionean esan zigun: –Jende onak: badakusazue nola nagoen neure azken puntuaren bezperan, nola bihar hil behar dudan. Bada, baldin orainokoan batere ontasunik egin badizuet, baldin deusetan ere enekiko zordun aurkitzen badituzue zeuen buruok, gauza bat egin behar duzue enegatik, eta hartaz kitatzen zaituztet. –A, Jauna! Esazu zer, zeren bihotz-gogorra eta ezagutza gutxikoa izango da zu bezalako aitaren agindua eta puntu horretan emana konplituko ez duena. –Zer? Elkar onets dezazuela, etsaiari enegatik barka diezaiozuela. Hau da ene azken borondatea eta guztien gainetik gomendatzen dizuedana. Beraz, ez da ezetz esaterik. Barkatu behar diogu geure etsaiari, egin ongi eta eduki amodio, zeren hala agindu baitigu geure Jaungoikoak, eta agindu ere, ez noiznahi den, baina bere azken finean, batbederari den hitzik ttipiena ere bihotzean barrena sartu behar litzaiokeen denboran. XXIX ZERGATIK BEHAR DIOGUN GEURE ETSAIARI BARKATU. BIGARREN ARRAZOIA: ZEREN MENDEKATZEA BERETZAT BEGIRATZEN BAITU JAINKOAK Inork bidegabe bat egiten dizunean, ez du nahi Jainkoak zuk ordainik bihur diezaiozun. Berak hartzen du bere gainera mendekatzea eta justizia egitea. –Mea est ultio et ego retribuam eis in tempore (Dt 32:35; Erm 12:19). Etsaiak gaizki bat egiten dizunean, zuri baino gehiago egiten dio Jainkoari, zeren hartan haren agindua hausten baitu. Ordea, ez du hargatik Jainkoak berehala gaztigatzen; itxaroten dio, eta itxaroteagatik ez du desohorerik. Beraz, ez duzu zuk ere desohorerik izango beste munduraino itxaroteaz, haraino ez mendekatzeaz. Baldin orain pazientzia baduzu, Jainkoari berari berak dagiela uzten badiozu, zaren seguru berak berari egin zaion bidegabea eta zuri ere egin dizutena kolpe batez, eskas gabe eta merezi bezala gaztigatuko dituela eta behar den deskargua etsaiari eginaraziko diola. Zerorrek zeure eskuz mendekatu nahi baduzu, penatu behar duzu eta anitzetan ere deus ezin eginez gelditu behar duzu, zeren benturaz zu baino indartsuago eta boteretsuago izango baita etsaia. Eta Liviok dioen bezala (Tito Livio, Ab Urbe Condita, I, 10. k., 4), –Vana sine viribus ira. Indar gabeko kolera, haserrea eta mendekatzeko desira, parrik ezin iragan dezakeenarena hutsal da, alfer eta balio gutxiko. Eta esaten du Senekak ere (De ira, II, 34. k., 1): –Ergo ab ira abstinendum est, sive par est qui lacessendus est, sive superior, sive inferior. Nam cum pare contendere, anceps; cum superiore, furiosum, et cum inferiore sordidum. Nolanahi den dela, begiratu behar da ihardukitzetik eta etsaia erasotzetik, nahiz dela etsai hura zure berdin, nahiz handiago eta nahiz ttipiago. Zeren berdinarekin ihardukitzea dudazko da eta arriskutsu, handiagoarekin erokeria, eta ttipiagoarekin itsusi eta desohore. Eta guztiarekin ere, hau honela delarik eta dela dakizularik ere, iharduki nahiz zabiltza, desira gaiztoz betea zaude, ez diozu etsaiari barkatu nahi. Eta hartan zeure burua galtzen duzu, zeren hartan zeure buruari etsaiari baino kalte gehiago egiten baitiozu. Hala ematen du aditzera errege Dabidek esaten duenean (Sal 117:12): –Circumdederunt me sicut apes. Inguratu ninduten etsaiek, erleek bezala. Erleak inor ausikitzen duenean, ausikitzenago du bere burua, zeren bere eztena eta bizia han uzten baititu. Hala gertatzen zaizu, bada, zuri ere: etsaiari ausiki egiten diozunean, barkatu nahi ez diozunean eta bidegaberik egiten diozunean, gehiago egiten diozu zeure buruari. Eta puntu honen gainean gauza bat esan nahi dizut: jakin behar duzu ezen zuk zeure etsaiari ez barkatuagatik, ez dela handik segitzen, baldin hark bere aldetik bere eginbidea egiten badu, ez diola hari Jainkoak barkatuko. Orduan ez barkatzeaz zeure buruari egiten diozu kalte, eta ez zeure etsaiari. Eta hala betiere, bai, baina guztiz ere zerori ezin mendeka zaitezkeenean, kontsola zaitez eta jakizu ezen Jainkoa mendekatuko dela, eta hark ez duela uzten eta ez utziko ere faltarik gaztigatu gabe; eta zuk zeuk egingo zenituen baino zinkiago eta finkiago gaztigatuko dituela. Eta nola anitzetan ere aita batek bere semea zehatu duenean zatitzen baitu zigorra eta egozten sura, hala zure etsaia, zure zehatzailea eta penatzailea ere zatituko du Jainkoak, eta azkenean egotziko infernuko sura. Beraz, honelatan pertsona batek bidegabe bat egiten, esaten edo asmatzen dizunean, esan behar diozu Jainkoari: –Jauna, badakusazu zertan naizen eta zer egin didan; eta zuri niri baino gehiago egin dizu. Eta zuk badakizu nik baino hobeki zer gaztigu eta zenbat merezi duen. Ez da, beraz, arrazoi zu zaren lekuan nik eskurik har dezadan. Eta hala, arrazoi den bezala eta agintzen duzun bezala, zeuri uzten dizut, zeuk egizu justizia. Eta honenbestez, zeren fida bainaiz egingo duzula, oraindanik mendekatutzat daukat neure burua, eta gelditzen naiz neure baitan sosegatua eta etsaiari barkatzera deliberatua. XXX HIRUGARREN ARRAZOIA ETA ORAINGOZ AZKENA: BARKATU BEHAR DIOGULA GEURE ETSAIARI, JAINKOAK GURI BARKA DIEZAGUN Behar diogu geure etsaiari barkatu, guri ere geure Jainkoak barka diezagun. Zeren Jainkoak berak esana da ezen, baldin barkatzen badiogu guk geure etsaiari, barkatuko digula hark ere guri, baina ez bestela (Mt 6:14-15). Eta ez gara gaizki guk geure etsaiari barkatzeaz Jainkoak guri barkatzen digunean. Ezin esan daiteke zein irabazi handia egiten dugun honetan, zeren nola gauza apurra baita guri egiten zaigun bidegabea, baina handia –eta, aldez, infinituki handia– guk Jainkoari egiten dioguna, gure barkamena ez da deus Jainkoarenarekin konparaturik. Badira gauza batzuk, berak bakarrik bere egitez gaitz baitira, baina beste batekin juntaturik eta elkar harturik erraz dira. Odol ateratzea, kopatzea, purga uher bat, edari min bat edatea gaitz da, neketsu da, baina osasunarekin juntaturik erraz da. Sendatzeagatik, gogotik errezibitzen eta pairatzen dira. Hala, etsaiari ere egiten dizkizun faltak barkatzea, bera bakarrik bere egitez gaitz da. Ordea, junta ezazu hargatik zuri Jainkoak egiten dizkizunak barkatzearekin, eta erraz irudituko zaizu. Errazki barkatuko diozu zeure etsaiari, Jainkoak zuri barka diezazun. Eta hala, jende galduak eta adimengabeak izango gara baldin, geure probetxuagatik bederen, geure etsaiari barkatzen ez badiogu. Egizu kontu ea zenbat bekatu egin dituzun orainokoan eta zein handiak, eta nahi baduzu zuk barka diezazkizun haiek zuri zeure Jaungoikoak, barka iezazkiozu zuk ere zeure etsaiari egiten dizkizunak. Pertsona batek bidegabe bat egiten dizunean, esaten duzu ez diozula barkatu nahi, ez behintzat hain azkar, zeren desohore ere badela berehala barkatzea. Hori da birao handia, Jainkoaren kontra mintzatzea. Zeren hori da Jainkoaren agindua konplitzea desohore dela esatea. Barkatu behar diozu, beraz, zeure etsaiari, eta barkatu ere, ez edozein moldez, ez hitzez, itxurapenez, kanpotik eta edergailuz, baina zin-zinez eta gogotik, barrenetik eta bihotzetik. Zeren jakizu ezen, bestela, ez dizula Jainkoak barkatuko. Konfesa zaitezke, gorputz santua errezibi, barau, otoitzetan egon eta duzun guztia pobreei eman, baina haiek guztiak ez zaizkizu deus baliatuko baldin barrenean inori herrarik, hegigorik, gorrotorik edo borondate gaiztorik badiozu. Ez daiteke zauria senda elorria barrenean deno; ez daiteke bekatua barka borondate gaiztoak diraueno. Barberuek, buruko zaurietan, lehenik haragia aldaratzen dute eta hezur-kroskoa agertzen, bitartean odol ustelik geldi ez dadin. Zeren baldin geldi baledi, hark medizinari eta ezartzen den erremedioari indarra motel liezaioke eta bertutea edeki. Hala arimako zauri honetan ere: lehenik behar da barreneko odol ustela eta etsaigoaren uhertasuna atera eta garbitu. Zeren bestela ez da sendatzerik, eta ez ematen diren medizinek eta egiten diren limosnek, barauek, otoitzek eta beste obra onek on egiterik. 1 Bere etsaiari barkatu nahi ez dionak ez du aurkituko bere behar-orduan arartekorik eta ez otoitz-egilerik. Zeren Espiritu Santuak dioen bezala (Si 28:4-5): –In hominem sibi similem non habet misericordiam, quis exorabit pro peccatis illius? Bere lagunaz, bera bezalakoaz ez du miserikordiarik eta ez errukirik; nork egingo du, bada, otoitz halakoaren bekatuengatik? Ez santuk, ez aingeruk eta ez are miserikordiaren amak ere. Zeren jondoni Jakuek dioen bezala (St 2:13): –Iudicium sine misericordia, illi qui non facit misericordiam. Miserikordia gabeko justizia egin behar zaio miserikordiarik egiten ez duenari. Ez zaio barkatu behar barkatu nahi ez duenari. Eta halakoak ez du berak ere nahi barka diezaioten. Zeren Pater noster esaten duen guztian egiten dio Jainkoari otoitz, esaten duela (Mt 6:12): –Dimitte nobis debita nostra, sicut et nos dimittimus debitoribus nostris. Jauna, barka iezazkiguzu geure zorrak, guk guregana zordun direnei barkatzen dizkiegun bezala. Esan nahi du: –Jainko Jauna, barka iezazkiguzu zurekiko egiten ditugun faltak eta bekatuak, guk geure etsaiei gurekiko egiten dituzten hutsak eta gaizkiak barkatzen dizkiegun bezala. Eta, alabaina, ez dizkiezu zuk barkatu nahi zeure etsaiei egiten dizkizutenak. Beraz, ez duzu nahi barka diezazkizun zuri ere zeure Jainkoak egiten dizkiozunak. Zeren nola egiten baituzu zuk zeure etsaiarekin, hala egiten diozu Jainkoari otoitz dagiela zurekin. Falta bat inork egiten dizunean, esaten duzu duzun botere guztiaz: –Nik hau hari barka? Lehen bizia gal nezake! Eta ez duzu kontsideratzen eta ez pentsatzen, zuk Jainkoari falta handiagoak eginagatik, nahi duzula guztiarekin ere hark zuri guztiak barka diezazkizun. Kontsidera ezazu, bada, zuk zeure etsaiari barkatu nahi ez diozuna barkatu ziela Jainkoak bizia kendu zioten etsaiei, eta, are gehiago, egin ziola bere aitari haiengatik otoitz, eta oraino zeure etsaiek ez dizutela halako minik eta ximikorik egin. Kontsidera ezazu, halaber, zer esaten duen Espiritu Santuak (Si 28:6): –Memento novissimorum et desine inimicari. Oroit zaitez zeure azken fineko egitekoez, heriotzako puntuaz, arima ateratzeko denbora arriskutsu hartaz eta orduan eman beharko duzun kontuaz, eta haietaz oroiturik, utz itzazu etsaigoak. Oroit zaitez nola nahiko duzun zuk orduan, azken oren hartan, egin dezan Jainkoak zurekin; egizu, bada, zuk ere orain hala zeure etsaiarekin. Zeren hau da Jainkoaren agindua; hau da hark nahi duena; hau da betiere, eta guztiz ere bere azken finean, gomendatu diguna. Bihoa, beraz, etsaigoa! Aparta bedi egun beretik, gerorako luzatu gabe, mendekatzeko desira desordenatua! Zeren halatan izango gara ezagun eta seinale Jesukristoren eskolan ikasiak garela, haren dizipuluak garela. Eta biziko gara bihotz-ukaldirik, asaldurik eta ikararik gabe, bakean dagoen bat, mendekurik gogoan ez duen bat eta guztiekin adiskide, xalo eta solasturi den bat bizitzen den bezala. XXXI ZENBAT KALTE EGITEN DUEN HARAGIAREN BEKATUAK –LEHENBIZIKORIK ITSUTZEN DUELA ADIMENA–, ETA NOLA BEHAR DEN HARTAN SARTZETIK BEGIRATU ETA, SARTUZ GERO ERE, LEHEN BAINO LEHEN ATERATZEN SAIATU Baldin beste bekatuetan hainbat kalte egiten badu luzamendutan ibiltzeak, erremedioa gerorako uzteak, zer egingo du emakumeetako bekatuan? Haragiari hain plazer zaion plazerean? Batbederak naturalki desiratzen duenean? Eta baldin erroak egiten uzten bada, ateratzeko eta kanporatzeko hain gaitz denean? Baina, zeren materia hau baita hain handia eta luzea, arriskutsua eta limurkorra, ditzagun lehenik egiten dituen kalteak eta ematen dituen egitekoak kontsidera eta konta, eta gero, halaber, eman behar zaizkion purgak eta erremedioak bila, eman eta ordena. Eta itsas hondargabe honetan sartzen naizela, ez dut uste dela ez dakienik gure arimaren etsaiak direla hiru: Mundua, Deabrua eta Haragia. Eta hiru hauetatik gaiztoena, arriskutsuena eta barrenkorrena dela Haragia. Hau da etxeko ohoina, barreneko etsaia, betiere gurekin dagoena; zurari pipia, oihalari zerrena, urdaiari zedena eta haragiari harra bezala, gau eta egun alha zaiguna, tentatzen eta narritatzen gaituena, geuregandik ezin egotz dezakeguna. Halako moldez, ezen errazago baita hartaz mintzatzea eta begiratu behar dela esatea, begiratzea baino. Hala esaten du Valeriok (Valerio Maximo, Factorum et dictorum memorabilium, IX, 1. k.): –Luxuriam accusare facilius est quam vitare. Ahul da haragia eta sendo: ahul, defendatzeko; sendo, tentatzeko eta kilikatzeko. Anitz habe, fabore eta sostengu behar du on edukitzeko, erori gabe egoteko, eta aski du deus gutxi, okasio ttipi bat, limurtzeko, behaztopatzeko eta erortzeko. Hargatik esan zuen san Agustinek (250. serm., De tempore): –Inter omnia christianorum certamina sola duriora sunt proelia castitatis, ubi quotidiana est pugna et rara victoria. Kristauen arteko gerlarik handienak eta gogorrenak kastitatearen gerlak dira, zeren han baita gudua eta konbatea egunero, eta biktoria eta garaitia bakan eta gutxitan. Halatan da san Agustinek berak esana (206. ep., De laudibus Hieronymi): –Nullo tot diabolus animas rete capit, quod laqueo pessimarum mulierum. Deabruak anitz sare badu ere arimak atzemateko, ez du batez ere hainbat harrapatzen nola emakume gaiztoez eta haiek hedatzen eta paratzen dituzten arteez, sareez, lakioez eta segadez. 1 Handiak dira haragiak eta haragiaren amodio desordenatuak egiten dituen kalteak. Eta kalte garrantzizkoenetatik bat, garrantzitsuena ez bada ere, da adimena goibeltzea, iluntzea eta itsutzea. Pertsona amorosak ez dakusa, ez daki zer ari den. Bere gogo guztia haragian dauka. Jatean, edatean, ohean datzanean hartan pentsatzen du; bere solasak eta ametsak ere hartaz egiten ditu. Ez du nahi beste gauzaz inor mintza ere dakion. Itsu da, ero da, zentzutik kanpoan da. Halatan, lehenagoko poetek pintatzen zuten Kupido, amodioaren jainkoa, haur eta itsu: itsu, zeren ez baitu ikusten; haur, zeren ez baitu adimenik. Eta badio Plutarkok ere (in Aphothegmata) gaitz dela amoros izatea eta zentzuan egotea. Halakoa ez desohoreak, ez jendeen esateak, ez ondasunak gastatzeak, ez fama gaiztoan jartzeak, ez loa galtzeak, alegia, deusek ere ez du gibelatzen. –Onager assuetus in solitudine, in desiderio animae suae, attraxit ventum amoris sui; nullus avertet eam (Jr 2:24). Basasto amorosa bezala, begiak itsuturik, ehiztarien artetik iragaten da, edozein arriskutan sartzen da. Bere amodio desordenatuaz bai, bere maitakeriaz bai, baina gainerakoaz ez du konturik egiten. Usoa bezala da halakoa. Usoak ez du, beste hegaztiek bezala, edatean burua goiti altxatzen. Edan gogo duena, abereak bezala, hatsik hartu gabe, burua goratu gabe, kolpe batez edaten du. Beste hegaztiek edateko kurka guztietan, ahotara bakoitzean, burua goiti altxatzen dute. Eta badirudi ezen naturak berak erakutsirik egiten dutela hala. Zeren nola orduan baitute arriskurik gehiena, zeren orduan baitaude geldienik urera beha eta orduan baitira ehiztariez ere zelatatuak, barrendatuak eta guardiatuak, halatan daude haiek ere iratzarriak orduan; eta edaten duten ur-xorta guztietan ingurunera behatzen dute, eta burua goiti, guardia egiteko bezala altxatzen dute. Baina usoak ez du halakorik egiten: ahuspez dago ase arte, ez du bitartean bururik altxatzen eta ez ingurunera behatzen. Eta hartan da ageri usoaren inozentzia eta ergelkeria, arriskurik gehien duenean baita eroenik eta antsikabeenik. Hala da, bada, bere gogo guztia emakumeetan ipinia daukana ere. Etsaia zelatan dagokionean, arriskurik gehien duenean da galduenik eta eroenik, zeren bere edate hartaz eta plazeraz baizik ez baitu deusez ere bestez konturik egiten. Ziro enperadore handi hura hain itsutu eta ergeldu zuen Apama bere amoranteak, non hartaz nahi zuen guztia egiten baitzuen (Josefo, Antiquitates Judaicae, XI, 3. k., 54). Alde batetik eta bestetik belarrondokoka ari zitzaion; batean bizarra, bestean belarriak tiratzen zizkion; haur batekin bezala, harekin dostatzen zen. Eta guztietan enperadore eroa, hortzak erakutsirik, irriz, beha zegokion. Ispiluan bezala hartan miratzen zen, haren alegeratzeaz alegeratzen zen, eta tristatzeaz tristatzen. Eta emakume gaiztoak batzuetan bere burua, berariaz, haserre irudi egiten zuen, eta orduan enperadore zoroak ahal ziren asmoak eta saioak balakatzeko eta baketzeko egiten zituen. Amorantea zen nagusi; no zen to; emakumea, gizon; oiloa, oilar. Esan behar da esku handia hartzen duela emakumeak amoros itsutuaren gainean, halako enperadore bat eme ezdeus batek hala errendatzen duenean. 2 Gizona delarik ordenatua emakumearen jaun eta nagusi izateko, guztiarekin ere, amodio itsuak, haragiaren apetitu desordenatuak hausten du ordenantza hau: gizona egiten du emakumearen mutil eta azpiko. Ez da gauza preziatuagorik libertatea eta nagusitasuna den baino. Bada, hala bata nola bestea galtzen ditu amoros itsuak, emakumearen hitz ederrei eta mainei behatzen zaienak. Hala galdu zituen bere libertatea, nagusitasuna eta bai azkenean bizia ere asiriarren errege batek, Semiramis, izen honetako bigarren emakume eder famatu hura zela kausa. Eta izan zen kasua Eliano, Greziako idazle batek kontatzen duen bezala (Varia historia, VII, 1. k.). Entzun zuenean errege hark Semiramis haren edertasunaren fama, kilikatu zen, gutiziatu zen, erakarri zuen, ikusi zuen eta, ikusi zuen bezain azkar, atzeman zen, sua piztu zen eta amodio bero itsu batez onetsi zuen. Eta noiz eta amodio hura baitzegoen goren puntuan eta graduan, iruditurik ezen orduan zela okasiorik eta paradarik hoberena nahi zuena egiteko, egin zion emakume gaiztoak otoitz erregeri, arren, denbora apur batez, bost egunez, eman ziezaiola bere zuen eskua eta boterea, bitartean utz zezala erresuman agintzen. Erregek, aitzin-gibel gutxi behaturik eta Salomonen kontseiluaz ere kontu gutxi eginik –zeinek esaten baitu (Si 9:2): Non des mulieri potestatem animae tuae, ne ingrediatur in virtute tua et confundaris, ez diezaiozula eman emakumeari zeure duzun eskua eta boterea, nahi ez baduzu zeure burua ahalketan ikusi–, baina maleziarik edo engainurik ahal zatekeenetz gogora ere gabe, esan zion deblauki erregek baietz, deusetan ere dudatu gabe. Eta are, berak lehenik agur egin zion, berak bere eskuz koroa buruan ipini zion eta agindu zuen, biziaren penan, hurrengo bost egunetan Semiramis hark agintzen zuen guztia egin zedila. Eta hain aitzina iragan zen egitekoa, non ikusi zuenean emakume gaiztoak nola zen obeditua, agindu baitzuen errege berari burua edeki ziezaiotela. Eta nik ez dakit nola hartu zuen erregek egitekoa, baina berehala agindua konplitu zen, eta trufan-burlan burua edeki zioten. Eta gelditu zen Semiramis errege eta erregina; eta errege itsua, bere erresuma eta bizia galdurik, desohorezki zendua. Ikusazu zer egiten duen emakumeak eta emakumeetako amodio desordenatuak; nola gizona itsutzen duen; nola, zer ari den ez dakiela, mila erokeria egiten duela eta bere buruaren jaun eta jabe ez den bezala ipintzen duen. Zaleuko, Greziako parte batzuetako erregeak, ikusirik ezen bekatu honek batbedera bere adimenean barrena itsutzen zuela, kanpoan ere itsutasun hura ager zedin, ordenatu zuen eta ezarri legea nor ere eroriko baitzen adulterioan eta nork ere behar ez zen emakumearekin huts egingo baitzuen, halakoari eta halakoei, hainari eta hainei, hala gizonari nola emakumeari, justiziak begiak aterako eta iraziko zizkiela, barrenean kulparen beldur gabe itsutu zirenez gero, kanpoan ere penarekin itsu zitezen (Alexander ab Alexandro, Geniales dies, IV, 1. k.). Lege hau ipini zuen Zaleuko errege hark. Eta hain estuki begiratzen zuen, non ez baitzen faborerik, ahaiderik eta ez urrerik eta ez zilarrik hautsarazi ziezaiokeenik. Huts egiten zuenak ihes egin zezakeen, ahal bazuen, baina harrapatuz gero, ez zuen barkamenik: begiak galdu behar zituen. Errege honek lege hau honen zinez begiratzen zuen denboran gertatu zitzaion errege honen beraren semeari legea haustea eta behar ez zen emakumearekin huts egitea. Erregek bere semearen falta hau jakin zuenean, Jainkoak daki zenbat damu hartu zuen, eta nola, alde batetik, bere aitatasunak, semeagana zeukan amodio naturalak gibelatzen zuen, eskuak lotzen zizkion eta ez zela arrazoi aita batek bere semea kondena zezan esaten zion, eta berriz, beste aldetik, nola justiziak alegatzen zion legeak begiratu behar zirela, eta batari barkatzeaz besteak ausartzia hartuko zuela. Eta justiziaren arrazoi hau bortitzago iruditurik, semea galduko bazuen ere, erabaki zuen eta agindu justizia egin zedila, bere semea atzeman ziezaiotela eta begiak legearen arabera atera ziezazkiotela. Erresumak jakin zuenean bere erregeren erabakia, bildu zen jende guztia eta joan zitzaion guztia batean otoitz egitera, arren, nahi ziezaion bere semeari barkatu; zeren lege hura gehiengoagatik egina zela eta gehiengoak, hain errege on eta justuarengatik, aldi hartarako bere justizia kitatzen zuela. Jendearen otoitzak eta semearenganako amodioak anitz gogoeta eragin zioten, baina gehiago legearen hausteak. Zeren iruditzen zitzaion ezen ez zuela bere koroa seguru izango baldin ttipientzat bezala, handientzat ere justizia egiten ez bazuen. Eta hala, anitz itzulinguru, pentsu eta gogoeta bere baitan eginik, azkenean aurkitu zuen bide bat, bere kaltekoa, baina semearen gaztigua arintzeko ona: oker hobe, itsu baino. Agindu zuen ezen halaz, eta legearen arauaz, halako hutsik egiten zuenari bi begiak irazi eta atera behar zitzaizkionez geroztik, atera ziezaiotela aitari berari bere begietatik bata eta semeari bereetatik bestea. Eta halatan, bien artean kaltea jasanik, legea begira zedila. Eta hala, ordenatu bezala konplitu zen. Aitak eta semeak bere begietatik bana galdu zuten. Eta gero handik aurrera gelditu zen legea berretsia, semea gaztigatua, erresuma guztia ikaratua, eta halako faltatan erortzen zenarentzat barkamen erdiesteko esperantzaren atea itxia. Laudatzekoa zen errege hura, eta bai ipini zuen legea ere, zeren eritasunari zegokiona baitzen. Halatan, itsutasunaz itsutasuna, gorputzekoaz arimakoa sendatzeko, eta aitzinera gehiago eritzetik eta halakorik gertatzetik begiratzeko. Zeren hau da haragiaren desira desordenatuak egiten duen lehenbiziko kaltea eta kolpea: adimena itsutzea, liluratzea, nahastea eta zoraturik ipintzea. XXXII HARAGIAREN AMODIO DESORDENATUAK EGITEN DUEN BIGARREN ETA HIRUGARREN KALTEAZ: EZ DUELA DEN AHAIDERIK HURKOENAZ ERE KONTURIK EGITEN ETA EZ HARTAKO JURAMENTURIK KONPLITZEN Haragiaren amodio desordenatua hain da gauza itsua eta itsugarria, non halako amodioa duenak ez baitu batzuetan ahaideaz ere konturik egiten. –Ingressus est Absalon ad concubinas patris sui, coram universo Israel (2Sm 16:22). Sartu zen Absalon, mundu guztiak zekusala, bere aitaren amoranteetara edo emakumeetara, eta han haiekin segitu zuen, eta izan parte. Halatan mehatxatu zituen jondoni Paulok ere Korintiokoak, zeren bere ugazamarekin etzaten zen bat bere artean sostengatzen zuten (1Ko 5:1): –Omnino auditur inter vos fornicatio, qualis nec inter gentes, ita ut uxorem patris sui aliquis habeat. Hala esaten da Neron gaizto hark ere, Erromako andre prestuen erdiak desohoratuz gero, eta irudi oneko mutil gazte bat ikusten zuenean harekin ere natura bera ere narda den bezala segituz gero, azkenean bere ama propioaz maitemindu zela; bere ama bera, zeinen sabeletik atera baitzen, galdatu zuela. Eta hartara ezkero, emakumea ere eskuarki airatzen, kilikatzen eta gogoetan lurrera beha jartzen da. Zeren materia honetako pilotu on batek dioen bezala (Ovidio, Amores, I, 8. poema, 43. berts. ): –Illa est casta, quam nemo rogavit. Inork oroitu eta otoiztu ez duena da kasta, garbi eta prestu. Anitzetan hazten ditu osoki oiloak bere txita guztiak, mirua oldartu gabe. Anitz egur eder gelditzen da oihanean ekarlerik gabe. Jarraitunik izan ez duena, mandaturik edo salorik egin ez zaiona, inork ernatu, oroitu eta behartu ez duena esan daiteke segurki bere ohorean dagoela, ez dela erori eta ez limurtu. Baina demandatuz gero, oldartuz gero, bulkatuz gero, eta gai denak gai denari bere moldean, paradan, okasioan, denboran eta sekretuan, nabarmentzerik gabe, aditzera emanez gero, arrisku da, baldin soil gogor ez bada, bera dadin, limur dadin, maitemin dadin, eta galdatua izate hura, hartakoa dela eta ederra dela entzute hura eder irudi dakion. Bada, Neronek bere amari mandatua egin zion, eta ama ere ez zen munduko emakumerik prestuena. Beraz, arriskutan izan ziren. Eta bada esaten duenik biak karrozan edo kotxean ibili zirela, eta han bere jokoa jokatu zutela. Hala Henrike, izen honetako zortzigarren, Ingalaterrako erregeak ere, bere emazte prestua utzirik, bere alaba bastarta, besteren emazteagandik egina hartu zuen emazte. Eta handik bere burua eta bere erresumako kristautasun guztia galdu zituen (P. Ribadeneira, Historia Schismatis Anglicani, I, 7. k.). Bada besterik ere honelako kasurik eta etsenplurik anitz, gaitz bailitzateke laurdenak ere kontatzea. Aski da jakitea, behin behar ez den amodioa jaunduz gero, ez dela legerik begiratzen eta ez, den ahaiderik hurkoenaz ere konturik egiten, zein baita haragiaren bekatuak egiten duen bigarren kaltea. Hirugarren kaltea da: ez da arnegurik, juramenturik eta ez faltsukeriarik emakumeetan itsutua dagoen batek egin ez dezakeenik, eta ez gezurrik ere esan ez dezakeenik. Handik aurrera, hala itsutuz gero, lehen hitz onetako eta egiati zirenak egiten dira gezurti, arnegari eta juramentutsu. Zeren bere desirak asetzeagatik prometatzen dute anitz, egiten dute mila juramentu, baina gero nahi dutena iragan dutenean, ez dute konturik egiten, ez dute deus konplitzen, guztiak hausten dituzte. Eta hala, ez zen lehenagoko jentilen artean halako eta hartako juramentuez konturik egiten, halako moldez ezen etorri baitzen Platon esatera jainkoek ere disimulatzen zituztela amorosen juramentuak eta promesak (Alexander ab Alexandro, Geniales dies, V, 10. k.; Platon, De amore, V). Eta egungo egunean ere ez da halako juramentuetan zer sobera fidaturik. Zeren amoros itsutuak bere plazeren ondoan dabiltza, eta ez bere promesak edo juramentuak konplitzearen, zein baita haragiaren bekatuak egiten duen hirugarren kaltea. XXXIII HARAGIAREN AMODIO DESORDENATUAK EGITEN DUEN LAUGARREN KALTEAZ: AMOLTSU ETA BAKEZKO ZIRENAK EGITEN BAITITU KRUDEL ETA GERLATI Amodio desordenatuak hainbat kalte egiten du, non, behin hark itsutuz gero, amultsu eta bakezko zirenak ere egiten baititu anitzetan, bere desirak konplitzeagatik, traidore, bihotz-gogor, krudel eta eraile. Errege Dabid, lehen hain santu, bihozbera eta miserikordioso zena eta bere etsaiei ere beti ongi egiten eta barkatzen ari zitzaiena, egin zen azkenean hain diferente, non Urias bere adiskide maitea eta kapitain leiala, haren emazteaz gozatzeagatik, hilarazi baitzuen (2Sm 11). Hala, halaber, frai Joan Guerin, hain santu handiaren faman zegoen hark ere Guifrapelos Bartzelonako Kondearen alaba, gomendiotan eman ziotena, gorputzez izan zuenean hilarazi zuen (Pedro Burgos-koa, Historia de Montserrat, 2. k.). Hala gertatu zitzaion jondoni Jakue penitentziagilea deitzen zuten hari ere: hainbat denboraz etsai gaiztoaren tentamenduak isilik eta agerriz garaituz gero, hainbat penitentzia eginez gero, azkenean hain itsuski erori zen, non sendatzeko ekarri zioten neskato bati bere ona galarazi baitzion, eta gero, azkenean, bere bekatua estaltzeagatik, ura behera egotzi baitzuen (Metafrasto, in Vita die 28 Ianuari). Hemen esan daiteke gure Salbatzaileak bere Pasioko egunean Jerusalemeko alabei esan ziena (Lk 23:31): –Si in viridi ligno haec fiunt, in arido quid fiet? Baldin errege Dabid eta esan ditugun beste pertsona santu haiek, hainbat denboraz haragiaren apetituak bentzutzen, otoitzetan, kontenplaziotan eta penitentziatan egon ziren haiek hain dorpeki, haragiak itsuturik, erori baziren, zer izango da Jainkoz, munduz eta kontzientziaz konturik egin gabe, laxoki eta antsikabeki, batere grinarik gabe bizitzen direnez? Eta are, bekatu egiteko okasio bila dabiltzanez? Aita batek bere semeari dion amodioa delarik handia eta naturala, guztiarekin ere, amodio desordenatuak hain ahultzen eta kordokatzen du amodio natural hau, non batzuetan erroetatik erauzten eta ateratzen baitu. Katilina Erromako gizon gaizto hark ez zuen seme bat baizik, eta hura ere ja adinetara heldua, obedientea, bere agindupekoa eta aski prestua; eta guztiarekin ere, bere desira desordenatuak Aurelia zeritzan andre batekin konplitzeagatik, hilarazi zuen bere seme hura, zeren hura bizi zeno, haren beldurrez, ez baitzion Aureliak behatu nahi (Salustio, De Catilinae conjuratione, 15. k.). Hala idazten du Elianok ere Lenila zeritzan andre handi batek bere plazerak bere plazerera bere zerbitzari batekin iragateagatik akusatu zituela bere seme propioak erregeren aitzinean, esaten zuela ezen traidore zirela. Eta handik, egiaz edo gezurrez frogantzak eginik, galarazi zizkiela biziak; eta gero, inoren beldur gabe, gelditu zela bere zerbitzariarekin bere amodio itsuan itsutua (Eliano, De natura animalium, VII, 15. k.). Halatan esaten du Aristotelesek (Politica, II, 6. k., 6) ongi egin zutela lehenagoko poetek Marte eta Venus elkarrekin ezkontzeaz: Marte gerla-gizona eta Venus maitakeriaren patroia. Gerla eta maitakeria ezkondu zituzten elkarrekin, zeren arrunki maitakeriatik sortzen baitira gerlak eta diferentziak. Halatan, halaber, lehenagoko jentilek, erakusteko zer aztura eta kondizio zuen emakume gaiztoak, pintatzen zuten lehoi bat emakume-begitartearekin, zeren emakume gaiztoak lehenbizian lausengatzen eta balakatzen badu ere, ordea, azkenean, lehoi goseak bezala larrutzen eta desegiten baitu. Hargatik esaten du Espiritu Santuak (Es 5:3-4): –Ne attendas fallaciae mulieris. Favus, enim, distillans labia meretricis, et nitidius oleo guttur eius. Novissima autem illius amara quasi Absyntium. Ez diezaiozula eman konturik emakumearen balakuari eta engainuari. Zeren eztia darion abaraska bezala dira haren ezpainak, eta olioa baino leunago haren lepoa; ordea, ondorea, azken fina asentsio-belarra bezain min eta gozogabe. Lehenbizian amodio handia, azkenean gaitzerizko amorratua. Lehenbiziko egunean besarka, hurrengoan kolpeka. Adiskidetasunetik etsaitasuna, amodiotik desamodioa sortzen da. Esan behar da handia dela Satan gaiztoaren artea, bi gauza hain diferenteak, nola baitira amodioa eta desamodioa, adiskidetasuna eta etsaitasuna, elkarrekin juntatzen eta bata besteagandik ateratzen dituenean. Haragiaren plazeretan ez ohi da dantzarik eta irririk baizik, jaterik, edaterik eta amodiorik baizik, eta guztiarekin ere, etsai gaiztoak gauza hauek guztiok ifrentzuaz bezala beste aldera itzultzen ditu. Onerizkotik gaitzerizkoa, baketik gerla, irritik negarra, eta dantzatik –Herodes baitan egin zuen bezala– heriotza ateratzen du; honelatan atera dadin egiatan Salomonek dioena (Es 14:13): –Extrema gaudii luctus occupat. Atsegintasunaren muturra eta ondorea atsekabea da eta dolua; ezti-abaraskatik asentsio-belarra, plazeretik atsekabea sortzen da. Amodio desordenatua, bereaz egin duenean, desamodio bihurtzen da. Hau da hazi honetatik sortzen den bihia, amodio desordenatuak egiten duen laugarren kaltea: bakezkoak gerlati, eta bihozberak eta amultsuak amodio gabe eta bihotz-gogor egitea eta errendatzea. XXXIV HARAGIAREN AMODIO DESORDENATUAK EGITEN DUEN BOSGARREN KALTEAZ: SOSEGURIK ETA PAUSURIK GABE IPINTZEA Haragiaren apetitu desordenatuak egiten dituen desordenuez eta kalteez mintzo garenez geroztik, goazen aurrerago, eta aurkituko dugu ezen emakume gizakoiak eta gizon emakoiak, pertsona putazaleak ez duela deusetan ere sosegurik eta ez pausurik. Nork esango du zenbat atsekabe, zenbat gau eta egun gaizto iragaten duen halakoak, hala gizonak nola emakumeak? Nola, konpainia prestuak utzirik, bere egitekoei gibela emanik, loa galdurik, bera bakarrik, itzalgaizka, airatua, basatua eta irudikortua ibiltzen den eta esaten duen bere baitan: «ikusi ote naute? zer ote diote nitaz?»? Eta deus entzuten badu diotela, haserretzen da, gaitzerizkoan batarekin eta bestearekin jartzen da. Zeren nahi luke, hura bera bezala, besteak ere itsu izan litezen eta inork esan ez lezan deus. Eta, alabaina, ez da hari buruzko solasik baizik. Guztiek, batak alde batetik eta besteak bestetik, saltsa nahasten eta iratiotzen dute, guztiak hartaz mintzo dira. Besterik ez balitz ere, bere amoranteak berak ekartzen dio berri franko: nork zer dioen, nor nola mintzo den; direnak eta ez direnak garraiatzen dizkio. Zeren halakoak hartarako dira on, eta ez bestetarako. Han da munduko eleberri, esan-mesan eta nahasteka guztia. Nik uste dut ezen emakumeetara emana den gizona, hala deno, ezin datekeela ongi, eta guztiz ere baldin ezkondua bada. Ezkongabe bat erortzea, behar ez den emakume batekin segitzea ez da ongi, bekatu da. Baina, aldez, ez da hain miresteko munduko arauaz. Ordea, ezkondu batek, emazte ederra eta prestua duen batek, hura utzirik, har dezala itsusi bat, begi-zehar bat, ezkel bat, beteritsu bat, alegia, ezdeus bat, eta harekin josia bezala egon dadila. Esan behar da adimena itsutu zaiola, memoria nahasi zaiola eta borondatea behar ez den aldera itzuli zaiola. Halakoaren etxean ez da gerlarik, liskarrik eta bizitza gaiztorik baizik. Zeren emakume ezkondua ez du deusek ere hala giharrean ukitzen, kroskan erauzten eta ez bere tentutik eta pazientziatik ateratzen, nola bere senarra besterekin dabilkiola jakiteak. 1 Baina gero nahi nuke jakin: gizon ezkondua, bere emazte prestua utzirik, zerk hala, behar ez dena hartzera itsutzen du? Zerk aldaguratzen du? Hitz gutxiz ihardesten du san Jeronimok (Commentarios, III, Oseae 13): –Quidquid non licet, magis desideratur. Inork debeku den gauza, sori ez dena, desiratzenago du, hartara lehiago du. –Aquae furtivae dulciores sunt –dio Salomonek (Es 9:17)–. Ur ebatsiak eztiago eta gozoago dira. Halatan, Plautok ere, hobekiago saltzeagatik, egiten zuen oihu emakume ebatsiak zekartzala. Eta poetek adulterioari deitzen zioten ebasgoa, ohoinkeria. Hau da lehenbiziko arrazoia zeren gizon ezkonduak berea baino besterik nahiago duen, zeren berea ez baitu debeku eta bai bere ez duena, eta inork debekura lehiago baitu. Halaber, bigarren arrazoia ematen du san Jeronimok berak leku berean: –Quod varietate dulce est, assiduitate vilescit. Betierekoak higuintza ematen du, aldanahia ekartzen du. Nola gizon ezkonduak betiere baitu bere emaztea bere eskuko, bereaz frankia eta besterenaz eskasia, eta eskas den gauza, maitekiro eta jarraikiz izaten dena desiratzenago eta gozoago iruditzen baita, halatan, pertsona ezkondua, berea utzirik, besterenera lehiatzen da, aldanahitzen da eta handik galtzen da. Zeren amorantea eginez gero, harengana egozten du bere gogoa, harekin gastatzen ditu bere ondasunak; handik aurrera, bere emazteari eta harengandik izan dituen haurrei gibela ematen die. Eta baldin ondasun handiak ez baditu, ezin dateke erromestu gabe. Zeren amorantea, eta guztiz amorante miaua eta eskalea, huntz-adarra bezalakoa da. Huntzak inguratzen du zuhaitza, besarkatzen du, edoskitzen du eta, azkenean, ihartzen du. Hala, bada, amoranteak bipiltzen du, larrutzen du, ariman eta gorputzean ihartzen du. Errukarri da halakoa, eta bai amoranteagandik izandako haurra ere. Zeren nola ez baita legitimo, nola baita bastart, bort, ezkontzaz kanpoan egina, ezin mintza daiteke libreki jendartean, ezin bururik altxa dezake; berehala, lehenbiziko liskarrean, «putaseme» deitzen dute. Hargatik esaten du Salomonek edo haren ahotik Espiritu Santuak (Si 41:10): –De patre impio quaeruntur filii, quoniam propter ipsum sunt in opprobrio. Aita gaiztoaz arranguratzen dira semeak, zeren hura dela kausa baitira desohorezko. Seme bastartak berak ez du hobenik, baina bere aitarenagatik ekarri behar du burua behera. Solon handiak, Atenaskoen maisuak, umeek bere aita-ametara duten obligazioaz mintzo dela –nola ohore ekarri behar dien, eta bere behar-orduetan eta, guztiz ere, zahartzean behar dituzten faboratu–, ateratzen ditu obligazio honetatik bastartak, ezkontzaz landan eta kanpoan eginak, legitimo ez direnak. Eta arrazoia: zeren aita-ama haiek, elkarrekin batzean eta juntatzean, intentzio gehiago izan baitzuten bere plazer desordenatuak konplitzeko, seme eta alaba izateko baino, eta nola haien borondatearen kontra eta haiek nahi gaberik eginak baitira, hala dutela merezi gaztigu hura eta gehiago ere. Ikusazu zein gaizki den gizon ezkondua, bere emaztea utzirik, behar ez denarekin dabilena eta bai haietatik izaten den haurra ere! Bada, eritasun honetaz kutsatua gertatzen den elizgizona are da gaizkiago eta galduago. Arrisku da halakoak ahaide pobre gutxi ezkonduko duen, limosnak bakan izango dituen, zeren amorantea eginez gero, bere gogoa eta bihotza haren baitan ipintzen baitu, eta bere ondasunak ere harekin gastatzen eta hondatzen baititu. Bi bekatu-suerte dira, begiz begi eta artez, elizgizonari kontra dagozkionak, elizgizonaren etsaiak eta galgarriak: bata da emakumeekin segitzea eta bestea etsaigoan egotea. Nahi du Jainkoak haren etxeko zerbitzariak, apaiz ordenatuak izan ditzan guztien gainetik bi abantaila: bakea eta garbitasuna, zeren sakramentu garbi bat eta bakezko bat erabiltzen baitu eskuen artean. Beraz, honelatan, etsaigoan dagoena ere ez, baina guztien gainetik emakumeetan dabilena ez da apaizetarako on. Eta hain da egia hau, non uste baitut ezen emakumeetan faltarik ez duen apaizari, besterik anitz falta izanagatik ere, haiek guztiak hobeki barka, estal eta disimula dakizkiokeela, eta beste guztiek ez dutela hala desitxuratzen eta ez bere ohorean lohitzen, nola emakumeekin ibiltzeak eta kutsatzeak. Emakumeetan ez dabilen apaiza emazu santutzat; eta dabilena, hala dabileno, emazu galdutzat. Beraz, honelatan, nagusiki elizgizonak eta pertsona ezkonduak, baina gero begira bitez beste guztiak ere haragiaren lohian sartzetik eta idoiztatzetik. Zeren behin idoiztatuz gero, jakin dezakete ezen kaltiar eta sosegu gabe izango direla, ez direla urriki gabe gertatuko, eta gero eta gero, zenbatenaz eta gehiago egongo baitira, hainbatenaz barrenago sartuko eta nekezago aterako eta garbituko direla. XXXV HARAGIAREN BEKATUTIK BEGIRATZEKO ETA HANDIK HELDU DIREN KALTEAK ERREMEDIATZEKO LEHENBIZIKO ERREMEDIOA ETA BIDEA: OTOITZA Haragiaren plazerei, desira desordenatuei eta egiten dituen kalteei erremedio ematen hasi baino lehen, esan nahi dut gauza bat eta ipini eta pausatu egiazko zimendu bat: emakumeetatik eskapatzea, kastitatea begiratzea, haragiaren bekatuan erori gabe eta kutsatu gabe egotea, irautea eta pertseberatzea Jainkoaren donua, dohaina, emaitza eta grazia dela; eta grazia hura gabe, alfer direla gure ahala, nahia, bermatzea eta saio guztiak. –Non est virginitas quae praetio emitur, non virtutis studio possidetur –dio san Anbrosiok (Epistolarum classis I, 18. ep., 12)–. Ez da, ez, birjintasuna diruaren pisuz eta gure indarrez eta bertutez erdiesten den gauza, zeren haragiak haragia bentzutzea, naturak natura azpiratzea gaitz da. Hartarako, besteren faborea, naturaren gainean esku duenarena behar da. Eta hala jakin dezake batbederak ez dezakeela haragiaren kontra garaipen osorik erdiets bere ahalean fidatzen deno; berak ez duela defendatzeko indarrik asko, etsia, gogatua eta errendatua jarri artio. Behar du ezagutu bere etsai hau garai zaiola, ez direla indarrez berdin. Eta hala dela ezaguturik, behar du halaber lagun bilatu eta fabore eskatu, baldin nahi ez badu kaltiar gertatu eta garaitua gelditu. Hau da egia. Eta egia hau ezaguturik esan zuen Salomonek (Jkd 8:21): –Ut scivi quoniam aliter non possem esse continens nisi Deus det, et hoc ipsum erat summa sapientia, scire cuius esset hoc donum, adii Dominum, et deprecatus sum illum. Jakin nuenean ezin nengokeela erori gabe Jainkoak edukitzen ez baninduen, eta hau jakitea ere Jainkoaren dohaina zela, joan nintzaion berehala ediretera eta egin nion otoitz bere eskutik eduki nintzala, erortzetik begira nintzala, eta garaitiarekin gelditzeko indar eta antze eman ziezadala. Halatan, egia honen berri zekienak bezala egiten zion otoitz san Agustinek ere Jainkoari, esaten ziola (Confessiones, X, 29. k., 40): –Continentiam iubes, da quod iubes, et iube quod vis. Agintzen duzu begira dezagula kastitatea; emazu, bada, agintzen duzuna eta gero agin ezazu plazer duzuna. Agindua bezala, emazu agindua konplitzeko eta begiratzeko indarra ere, zeren halatan bai, baina bestela ez da konplitzerik eta ez begiratzerik. Bada, haragiaren bekatuan, lehen edo gero, aldez edo moldez, obraz edo gogoz, kutsatu gabe edo limurtu gabe egotea eta irautea Jainkoaren dohaina eta emaitza, geuk geure indarrez ezin erdiets dezakeguna denez geroztik, erna gaitezen, iratzar gaitezen, eta erortzetik begiratzeko ahal diratekeen habeak, sostenguak eta erremedioak bila ditzagun. Eta lehenbiziko erremedioa eta sostengua da orazioa, otoitza: geureaz denaz bezainbatean, errendatuak jarririk, garaitia emanik, «erauki!» esanik, ez dugula indar asko ezaguturik, geure Jainkoari hel dakigula eta bere eskutik eduki gaitzala otoitz egitea. Eta otoitz honekin batean, Ama Birjina, kastitatearen zaindari bezala, ararteko ipintzea. Zeren baldin, Elizako doktore batzuek dioten bezala, Ama Birjinak, are mundu honetan zenean ere, nori ere eta nork ere behatzen baitzion, hari, haragiaren desira desordenatuak eta gogoeta lizunak iraungirik, haien lekuan gogoeta garbi batzuk eta garbiki bizitzeko nahikunde handi batzuk pizten eta ematen bazizkion, zenbatenaz orain, handik goitik, loriatik, hainbat kreditu eta esku duen lekutik bere debotoei, egiazki gomendatzen zaizkionei erdietsiko die eta, erdietsirik, emango die haragiaren tentaldiak haizatzeko eta garaitzeko indar, botere eta grazia? (Ambrosio, De institutione Virginis, 7. k., 50; S. Tomas, S. Th., 3, 1, 3: 1). Beraz, degiogun Jainkoari otoitz eta orazio –ematen diogula ararteko bere Ama Birjina– begira gaitzala, fabora gaitzala. Zeren lehenbiziko erremedioa eta erremediorik hoberena haragiaren lohian ez sartzeko, eta sartuz gero ere azkar irteteko, aratz eta garbi gelditzeko eta egoteko, hau aurkituko dugu: Jainkoari gogoz eta bihotzez otoitz egitea eta Ama Birjina ararteko ipintzea eta enplegatzea. XXXVI HARAGIAREN BEKATUTIK BEGIRATZEKO BIGARREN ERREMEDIOA: HARTAKO GOGOETEI LEKURIK EZ EMATEA Bigarren erremedioa, eta erremedio ona eta hautua, emakumeekin kutsatu nahi ez duenarentzat da hartako gogoetei begia edukitzea, heldu direla ikusten direnean atea ixtea. Sua, pizten denean da errazenik iraungitzeko, eta bai landarea ere ttipi denean birlandatzeko eta ateratzeko. Gogoetetatik, pentsatzen egotetik heldu dira bekatu guztiak, eta guztiz ere haragiarenak. Handik hasten dira, haiek dira txertoak, haiek dira landareak eta erroak. Haiek, beraz, behar dira handitzetik begiratu. Soldaduak, etxean barrena sartuz gero, nahi duena egiten du. Hala egiten du, bada, halaber nahi duena gogoeta gaiztoak ere, gogoan ostatu hartuz gero, han behin pausatuz gero. Suko inarra, suko txindia bera ere bere buruz laster iraungitzen da; ordea, zuk anarteraino itxaron gabe, pausatzen ere utzi gabe, berehala, puntu berean zeuregandik egozten duzu. Hala, bada, emakumeetako gogoeta gaiztoa ere berehala, agertzen den bezain azkar haizatu, urrundu eta zeuregandik egotzi behar duzu. Egun batez galdegin zioten frai Gil, san Frantziskoren lagun santu hari ea zer moldez edo nola garaitzen zituen haragiaren tentaldiak, gutiziak, kilikadurak eta hartako gogoetak. Eta ihardetsi zuen: –Ene borondatearen ateak jotzen dituzten gogoeta gaiztoei esaten diet: “Ea, tentagarriak, iragan aitzina; ez da hemen zuentzat ostaturik eta ez pausalekurik”. Ez diet etxean barrena sartzen uzten, ez diet begitarterik egiten, ez diet ostaturik ematen, ez naiz haiekin gozatzen eta ez solasean jartzen; berehala jauzi eragiten diet. Eta halatan, ez haiek ni, baina nik haiek garaitzen ditut. Etortzen zaizu gogora behar ez den emakumea eta harekiko plazera, eta zuk gogoeta hura zeuregandik berehala egotzi beharrean, nola egotziko duzun ezen hartan zaporatzen zara, gozatzen zara eta, are, obran bazina bezala anitzetan ere zeure gogoan atsegin hartzen egoten zara eta, hala egonez, bekatu mortal handitan erortzen zara. Zeren ez obratuagatik, obratzeko gogoa eta are, obratzeko gogorik gabe ere, gogoeta hartan atsegin hartzea bekatu da. Hala esaten dute teologoek (san Tomas, S. Th., 2-2, 154, 4: 28-29): –Non solum consensus in actum, sed etiam consensus in delectationem est peccatum. Honen arauaz esaten du san Jeronimok ere (22. ep., Ad Eustochium, Paulae filiam, 6): –Periit et mente virginitas. Galtzen da, gogoz ere, birjintasuna. Eta badio Kasianok ere (Institutiones, VI, 19. k.): –Mulierem ignoro et virgo non sum. Ez dakit emakumeren berririk, eta alabaina ez naiz birjina. Zeren san Mateok dioen bezala (Mt 5:28): –Qui viderit mulierem ad concupiscendum eam, iam maechatus est in corde suo. Emakumeari, desiratzeko eta desira hartan atsegin hartzeko kontuan behatzen dionak egin duke jada bere gogoan eta bihotzean bekatu. Puntu hau kontsideraturik eta honi erremedio eman nahirik, esaten zuen san Gregoriok (De commentario in Primum Regum, VI, 2. k., 5): –Celer ergo et facilis victoria, contra libidinem est circunspectio cogitationis: si quoties carnalia obviant, ad aliquid aliud recurramus, quod libidinis incitamentum non sit. Haragiari kontra egiteko eta harengandik garaipena erdiesteko, bide ona da eta lasterra hartako gogoetei begia edukitzea eta haien lekuan beste gogoetari lotzea. Gure gogoa ezin dagoke gogoeta gabe; ezin gaudeke zerbaitetan pentsatu gabe. Puntua da ea zertan pentsatzen dugun, nolako gogoetak ditugun; eta baldin gaiztoak baditugu, utz haiek eta har haien lekuan onak. Begira ezazu ez zaudela emakumeetan pentsatzen. Zeren pentsatze hartatik etorriko zaizu atsegin hartzea, atsegin hartzetik desiratzea, desiratzetik bideak egitea eta obratzea. Eta guztiak heldu dira gogoaren lehenbiziko oroitzapenetik eta oroitzapen hari leku eta ostatu ematetik, erroak egiten eta handitzen uztetik. Beraz, hartatik begiratu behar da. Zeren hura da emakumeetako bekatutan erortzetik begiratzeko bigarren erremedioa: hartako gogoetei lekurik ez ematea, agertzen direnean kentzea, baratzen ez uztea eta ez sosegatzen, beltzuri bai, baina begitarterik ez egitea. XXXVII HARAGIAREN BEKATUTIK BEGIRATZEKO HIRUGARREN ERREMEDIOA: BORONDATEAREN ERABAKIA Ez erortzeko eta, eroriz gero ere, jaikitzeko erremedio handia da gogoa, borondatearen erabakia, hain handia non beste guztiak alfer baitira erabaki hura gabe. Jainkoaren aldetik, behar da haren grazia eta faborea, eta guretik, gure gogoa eta borondatea. Emakume batekin bekatutan zaudenean, eta arrisku handian, hala zaudela, zeure azken egunak aurki zaitzan, zer bide izango da arrisku handi hartatik ihes egiteko? Emakume hura uzteko? Zer? Gogoa, borondatea, aldentzea beren-beregi erabakitzea. Etortzen da jubileu bat edo festaburu bat edo garizuma, eta haietatik batean, ikusirik ezen bestela galdua zoazela, egiten duzu urrikitze handi batekin konfesio jeneral bat zeure mendean egin dituzun falta guztiez, harturik borondate irmo bat ez gehiago emakume harengana eta ez beste halakotara bihurtzeko. Eta handik aurrera hala konplitzen duzu, ez zara gehiago bihurtzen. Hau da erremedio ona –eta hartu behar den bidea– itsutua eta beretua zauzkan emakumea uzteko. 1 Ordea, uzte hau, amoranteagandik aldentze hau nola edo zer moldez egingo duzu? Onez onetara, etsaitu gabe, ala etsaiturik? Baldin etsaitzen bazara, horra non duzun berehala amorante harengandik mila birao eta madarikazio, esan-mesan eta desohore. Erasiko du, oihu egingo du, ez du inork isilduko. Bada, etsaitu gabe eta gaitzera etorri gabe, onez onetara bereiztea ere gaitz izango da eta arriskutsu. Zeren lehen trebatuak izan, eroriak izan, lehen bezala elkarrekin egoten, ibiltzen, mintzatzen, okasioak ere lehen bezala edo maizago agertzen eta gertatzen, gogoa urri, aldatzen erraz..., eta emakumeak ere, behin gertatuz gero, ez falta ekidin. Bada egiteko, bada zertan pentsa. Badirudi hobe litzatekeela gaitzeraturik eta haserreturik abiatzea eta elkar uztea. Puntu honen gainean bi gauza esan nahi nituzke. Lehenbizikoa: baldin etsaitu gabe, adiskidetasuna hautsi gabe ezin bana bazaitezke, hauts ezazu, etsai zaitez. Eta orduan emakume hura haserretzen dela edo gaitzez jartzen dela ikusiagatik, ez dagizula konturik. Zeren haserretze hura eta gaitzez jartze hura haren gainean izango da, eta ez zure. Eta halaber, orduan zutaz gaizki esaten badu ere, paira ezazu, zeren zeure merezia duzu. Halako ezteietan, halako zopak; halako egitekoek, halako ondorea; plazer iraganek atsekabea ohi dute. Bigarrena esan nahi nuke: baldin emakume hari, zeure amoranteari, adiskidetasuna hautsi gabe, etsaitu gabe eta liskartu gabe aldendu ahal bazatzaizkio, hala egin ezazu. –Ordea nola aldenduko natzaio etsaitu gabe? Ez da gaitz, baldin partaide biok, gaiztakerian izan zareten bezala, ontasunean ados bazarete, nola izateko baituzue. Zeure gogoan erabaki duzunean debozioan jartzea, bekatu-suerte guztietatik eta guztiz ere emakumeetakoetatik kanporatzea, orduan emakume hari, zeinekin behar ez den ezagutza izan baituzu, esan behar diozu onez onetara: –Jainkoak daki nola, nahia baizik ez balitz, nahi nukeen oraino bezala hemendik aitzina ere zurekin egon, ibili, bizi eta segitu. Baina honela izatera, badakusat ezen zu eta ni ere galduak goazela, fin gaitz egiteko bidean garela. Eta hala, geure arteko ezagutza gaiztoari alde egin behar diogu, aldendu behar gatzaizkio, eta hemendik aurrera –gainerakoan adiskide gelditzen garela– halako traturik gabe, garbiki eta prestuki bizi behar dugu. Nik hala nahi nuke, hala erabaki dut, gogo hartu dut; har ezazu, bada, zuk ere. Eta jakizu ezen ez dela hemendik aitzina halako egitekoz enekin zer gehiago mintzaturik, eta oraindanik nik haietaz adio esaten dizudala. Eta orduan, besteak ere zuk bezala esateko luke eta egiteko. Eta uste dut gutxik egin lezakeela falta, baldin, alde batetik edo bestetik, honelako biderik molde onez ireki baledi. Hona non duzun erremedio ona hala arimarako nola gorputzerako, eta bai mundurako ere: elkarrekin adosturik eta mintzaturik, elkarrengandik aldentzea eta bereiztea. Ordea, lehen munduak dakiela bekatutan egon direnek eta, bekatuaz denaz bezainbatean, elkar utzi dutenek ez dute handik aurrera lehen bezala elkarrekin ibili, jan, edan eta solastatu behar; ez dute premiazko gauzetan baizik elkargana behar. Bataz, okasioak okasioa pitz ez dezan, eta berriz, bestea, eskandalurik izan ez dadin, eta munduari ere ez dela jada haien artean lehen bezalako bekaturik aditzera emateagatik. Zeren obligatua zara etsenplu ona ematera eta munduari ere kristau bezala bizitzen zarela erakustera, halatan, ez zure santutasuna ager dadin, baina Jainkoa laudatua izan dadin; eta halaber, baldin bada inor zu zeunden bezala dagoenik, saia dadin hura ere zuk hartu duzun gogoa eta borondatea hartzera eta zuk bezala bekatua uztera. 2 Emakumeetatik apartaturik egoteko gogoa hain ongi hartu behar da zahartzean nola gaztean. Zeren gogoaren aldetik denaz bezainbatean, bada hurran-hurran hainbat arrisku zahartzean nola gaztean. Pertsona bat denean hordi eta emakoi, jan-edanera eta emakumeetara emana, esan ohi da arrunki halakoagatik utziko dituela denborarekin emakumeak, baina ez edatea, zeren emakumeetako indarra makalduko baitzaio, baina ez edatekoa hala. Bada, jakizu ezen gizon putazalea, gaztean beti hala izan dena, zahartzean ere eskuarki hala ohi dela, ez obraz, baina bai gogoz. Zeren gogoa beti da gazte, eta gaztetasuneko ohiturek zahartzean ere gogoa eskatzen dute. Zaharrak bekatu gutxiago egiten badu ere obraz, ordea gutxi hura egiteko gogoa beti hartan dauka. Eta hau da, san Gregoriok dioen bezala (Expositio Veteris ac Novi Testamenti, I, 24. k.), Deabruaren ohitura: obraz ezin eginaraz dezakeenean, gogoz bederen eginaraztea, –Callidus adversarius noster, cum ab effectu operis expellitur, secreta cogitatione polluere nititur. Zahar izanagatik gogoa emakumeetan badauka, urrats guztiaz eroriko da edo, hobeki mintzatzera, beti eroria egongo da. Eta hala, bekatu honetatik begiratzea ez dago, ez, guztia adinean eta ez indarrean, baina –betiere Jainkoaren faborea aitzinean hartzen dela– dago gogoan eta gogoaren erabakian. Eta dohatsu da, emakumeetako indarra joaten zaionean, hartarako gogoa ere joaten zaiona. Egia da: zahartuz gero, adin batera helduz gero, odola hozten da, natura ahultzen da. Eta hala, zahartzeko maitakeria da gaiztoena –Senex amore captus ultimum malum (Menandro)–, zeren hura baita gogoarena, natura bortxatu nahizkoarena, okasio gabekoa, kondenatzeko seinalea, eta Espiritu Santuari, lehen esan den bezala, itsusi zaizkion bekatuetatik bat. Halakoari esan dakioke Udo zeritzan bati esan zitzaiona (Isidoro, Prolegomena, 104. k., 49): –Impone finem ludo, quia satis lusisti, Udo. Aski jokatu zara, zahartu zara, ez gehiago bihur. Akaba jokoa, zerori akabatu gabe; utz zuk hura, hark zu utzi gabe. Baina Udo hark ez zuen utzi eta, hala, fin gaitz egin zuen, eta egingo duzu zuk ere, baldin zahartzean bederen gogoa hartatik aldaratzen ez baduzu. Eta «gogoa» diot. Zeren egizu mila limosna eta obra on, eta zaren urtez kargatua, baina ez da probetxu, baldin beste aldetik gogoa emakumeetan badaukazu. Sinets ezazu ezen, Jainkoarekin batean, guztia gogoan dagoela. Hau da hirugarren erremedioa emakumeetatik begiratzeko, haiekin ez kutsatzeko eta, kutsatuz gero ere, garbitzeko: gogoaren erabakia, borondatea beste aldera beren-beregi itzulirik jartzea eta egotea. XXXVIII HARAGIAREN BEKATUTIK BEGIRATZEKO LAUGARREN ERREMEDIOA: EZ ALFER EGOTEA Trabaila zaitez, egitekotan ibil zaitez, zerbaitetan enplega zaitez, alfer egotetik begira zaitez, eta halatan begiratuko zara emakumeekin huts egitetik ere. Zeren alferkeriatik heldu da maitakeria, emakumeetako gogoa, oroitzapena, eta bai malezia pentsatzea eta nahasmenduak egitea ere. Halatan esaten du Aristotelesek (Politica, V) nekazalerik eta laboraririk baizik ez den herria dela herririk hoberena, zeren nekazaleak bere nekeaz eta lanaz baitauka kontu, eta ez maitakeriaz eta ez inor nahastekatzeaz. Lan egiten duena edo egitekotan dabilena ez du haragiak tentatzen handi. Aitzitik, lanek, atsekabeek eta egitekoek beste egitekorik ematen diote. Egia hau frogatzeko kontatzen du san Jeronimok (125. ep., Ad Rusticum monachum, 13) Egiptoko monasterio batean zela fraide gazte bat haragiak bortizki tentatzen zuena, bero hutsez beti zirakiena, hain irakin ezen barautuagatik, diziplinatuagatik eta beste anitz saio eginagatik, ezin iraungi baitzezakeen su hura, eta ez egotz beregandik hartarako gogoa. Monasterio hartako abadeak egiteko haren berri jakin zuenean, ikusirik ezen fraide hura galtzeko arriskutan zela, egin zuen gogoeta zer moldez aterako eta libratuko zuen arrisku hartatik. Eta iruditurik ezen tentazio haiek guztiak alferkeriatik, egiteko gabe, aise, bere gogara, plazerera eta atsekaberik gabe egotetik heldu zitzaizkiola, erauzarazi zion falso testimonio gaizto bat: akusatu zuten bi lekukok abadearen aitzinean, abadearekin berarekin aditurik. Eta bazihardukaten elkarren artean: akusatuak uka, oihu, faltsu zela, gezurra zela, ez zela halakorik, ez zuela hobenik; baina lekukoek manten, on eduki hala zela. Honela zebiltzala eta abadea ere sententzia ematetik berariaz gibelatzen zela, iragan zen urte bat. Eta gero, haren buruan, galdegin zion abadeak fraide hari ea nola zihoakion bere haragiarekin, ea lehen bezala tentatzen zuenetz. Eta ihardetsi zion: –Papae, vivere non licet, et fornicari libeat? Zer tenta? Ez dakusazu zertan naizen? Ez dakusazu biziaz etsi hurran dudala? Lorik ere ezin egin dezakedala? Joan dira, joan, lehengo gogoeta haiek, orain bestek ematen dit gogoeta eta egiteko. Ikusazu zein artez eman zion abade hark xedeari eta nola, atsekabea emateaz eta alferkeria eta aisia kentzeaz, kendu zizkion haragiaren tentazioak ere. –Amor est animi vacantis passio (Krisostomo, 14. hom., Mateo 1). Amodio desordenatua, astia duena baitan, pertsona alferrean aurkitzen eta ostatatzen da; hari dagokion arrotza eta bianda da. Hargatik pintatzen zuten Venus jarririk, zeren amodioa edo maitakeria alferkeriaz, aise eta geldi egoteaz hazten eta mantentzen baita. Eta badio Ovidiok ere (Remedia amoris, 139. berts. ): –Otia si tollas, periere Cupidinis arcus. Baldin kentzen badituzu alferkeriak, galdu dirateke Kupidoren arkuak: ez du inor bere tragazez zaurituko. 1 Eskuarki alferrak jan-edanean eta emakumeetan ohi dauka gogoa. Hala esaten du Kasianok (De spiritu acedia, X, 8. k.): –Mens otiosa nihil aliud novit nisi de escis atque ventre. Alferraren gogoetak eta solasak jan-edanaz eta sabelaz dira; ez du bestetan pentsatzen ere. Halatan esaten zion san Jeronimok Rustikori (125. ep., Ad Rusticum monachum, 11): –Ama studia litterarum et vitia carnis non amabis. Onets ezazu estudioa eta ez duzu haragiaren bekatuan atseginik hartuko eta ez gogorik edukiko. Hartzen baduzu estudioa finki, utziko duzu emakumea laxoki. –Haec fuit iniquitas Sodomae sororis tuae, superbia, saturitas et otium (Ez 16:49). Jerusalem, zure ahizpa Sodomaren bekatua eta galgarria izan zen urguilua, asea eta alferkeria. Alferkeriarekin batean egin zituen Sodomako hiri hark hain huts handiak eta bekatu kiratsak, non igorri baitzion Jainkoak, ez lur estaltzeko eta ez ur garbitzeko, baina bai su eta kar erretzeko eta zizpiltzeko. Errege Dabidek, trabailatzen zenean, gerlan bere pertsonaz zebilenean, kontu gutxi egiten zuen emakumeez. Baina astiari eta aisiari jarririk, mandatariz eta bere ordainez egitekoak egiten hasi zenean, atzeman zen berehala eta erori besteren emaztearekin. Salomon ere tenplua egiten ari zen bitartean, ez dugu aurkitzen engainatu zutela emakumeek, baina tenplua amaiturik alferkeriari eman zitzaionean, azkar harrapatu zuten. Bada, Sanson ere, gerlan zebileno, ezin egundaino garaitu zuten bere etsaiek, baina egitekoak eta gerlak utzirik, emakume baten altzoan bere plazerera etzan zenean, emakume hark berak engainatu zuen, eta gero etsaiek hartaz nahi zutena egin zuten. –Vigilate ergo, fratres mei, quia nec sanctiores Davide nec fortiores Samsone, nec sapientiores Salomone vos esse video. Zaudete, beraz, iratzarririk, ene anaia maiteak –dio san Agustinek (Ad fratres in eremo, 17. serm. )–, zeren ez dakusat nik zaretela zuek Dabid baino santuago, Sanson baino ausartago eta ez Salomon baino jakintsuago. –Quaeritur, Aegistus quare sit factus adulter?/ In promptu causa est, desidiosus erat (Ovidio, Remedia amoris, 161-162. berts.). Galdegiten da: zergatik erori zen Egisto adulterioan? Prest da arrazoia: zeren alferra baitzen. Bada, molde berean esan daiteke Dabidez, Sansonez eta Salomonez ere. Zeren haiek guztiak, besterik anitz bezala, alferkeriak galdu zituen edo galtzeko arriskuan ipini zituen. Beraz, honelatan, zerbaitetan enplega zaitez, trabaila zaitez, alferkeriatik begira zaitez. Zeren halatan emakumeetatik ere begiratuko zara. XXXIX HARAGIAREN BEKATUTIK BEGIRATZEKO BOSGARREN ERREMEDIOA: KONTSIDERATZEA ZEIN TTIPIA ETA LABURRA DEN HARTAKO PLAZERA Emakumeetatik begiratzeko, haietara ez hain isuria, eroria eta gogoa egotzia egoteko, on litzateke, zenbait aldiz bederen, bakarrik zaudenean, gogoeta egitea eta zeure baitan kontsideratzea ea nolakoa –handia ala ttipia, luzea ala laburra– den emakumeetako plazer hura. Zeren baldin ttipia eta laburra baldin bada, erokeria handia da hargatik pertsonak bere buruari hainbat atsekabe eta egiteko, nola anitzetan ere ematen baitio, ematea. Bada, frogatu duten guztiek, batean eta boz batez, aitortzen, esaten eta konfesatzen dute plazer hura plazer apurra eta laburra dela, hasi denerako bukatu dela, eta are, batzuetan hasi gabe ere bukatzen dela, zeren plazer hartan berean ere, eskuarki, plazer baino atsekabe gehiago aurkitzen baita. Uzten ditut plazer haren aitzin-gibelak –anarterainoko eta ondoko egitekoak eta atsekabeak handiak baitira–, baina hartan zareneko bereko plazeraz mintzo naiz, eta diot ezen orduan ere, hartan zarenean ere, eskastasunen bat, nahigaberen bat izaten duzula; eta hura dela kausa, orduan ere guztiak ongi kontatzera, plazer baino atsekabe gehiago izaten duzula. Hala esaten du san Basiliok (Epigraphae, in Psalm. 33): –Oblectatio corporeae voluptatis, plus doloris habet quam voluptatis. Haragiaren plazer korporalak dolore eta atsekabe gehiago du, atsegin eta plazer baino. Arrazoirekin galdegiten du jondoni Paulok ere (Erm 6:21): –Quem fructum habuistis in iis quibus nunc erubescitis? Zer fruitu, zer irabazi eta plazer izan zenuten orduan, orain ahalkez ere bururik ere ezin altxatuz zaudeten bekatu haietan? Are, orduan ere ez zenuten plazer osorik hartu; ez zineten aspertu eta ez ase. Eta ez da miresteko ez asetzea. Zeren sua bezala da haragiaren bekatua, eta suak ez du behin ere esaten aski duela (Es 30:16): –Ignis numquam dicit sufficit. Zeren Glosak dioen bezala (Glosa ordinarioa: Luc. 7), –Voluptates semper habent famem sui. Haragiaren plazerak beti dira plazer-gose. Eta iruditzen bazaizu ere baldin behin zeure desira desordenatua konpli bazeneza hainbestez sosega zintezkeela, engainatzen zara. Zeren san Jeronimok dioen bezala (123. ep., Ad Ageruchiam, 14): –Libido numquam satiatur, et cum videtur extincta reaccenditur, usu crescit et deficit. Haragiaren plazera ez da behin ere guztiz asetzen eta ez osoki iraungitzen. Eta batzuetan asetzen eta iraungitzen dela badirudi ere, berriz berehala gosetzen eta pizten da. Eta are, denbora gutxiren barrenean, lehen baino bizikiago iratzartzen da. Hala esaten du Glosak (Glosa liranoa, Prov. 3): –Luxuria etsi ad horam satiatur, postmodum tamen ad appetendum arctius inflammatur. Nola gizonak emakumeari dion amodioa bere egitez baita natural, amodio hura apur bat hoztuagatik ere, berehala naturak berak berotzen du; iraungiagatik, pizten du. 1 Esaten du Altziatok (Emblemata, 85): –Heu miser in mediis sitiens, stat Tantalus undis; et poma, esuriens proxima, habere nequit. Tantalo onbehar hura gose eta egarri zen, eta bazuen oinen azpian ur franko eta buruaren gainean zuhaitz bat, fruituz betea. Ordea, edan nahi zuenean, urak ihes egiten zion, eta jaterakoan, zuhaitz adarrak goititzen eta goratzen zitzaizkion, ezin erdiets zitzakeen. Janariz eta edariz inguratua zegoen eta, alabaina, goseak eta egarriak hiltzera zeraman. Hala da, bada, haragiaren atseginetan eta plazeretan dabilena ere. Gose da, egarri da; eta emaiozu nahi duen bezainbat, sar bedi begietaraino, baina ez daiteke ase, ez daiteke osoki konpli eta ez kontenta. –Libido lassari potest, satiari non potest (Alexander Carpenter “Anglo”, Destructorium vitiorum, 6, 37). Una daiteke eta neka, baina ez ase. Hala esaten da Erromako andre batez, hainbat ibili zela gizonekin non haietatik abiatu baitzen nekaturik, baina ez aserik (Juvenal, Saturae, 6, 130. berts. ): –Et lassata viris, sed non satiata recessit. Aitzitik, edanago, egarriago; arituago, nahiago. Haragiaren desira desordenatua abarizia bezala da (Juvenal, Saturae, 14, 139. berts. ): –Crescit amor nummi, quantum ipsa pecunia crescit. Zenbatenaz diru gehiago, hainbatenaz gutiziosago. Hala da, bada, haragiaren bekatua ere: segituago, nahiago; arituago, barrenago; aseago, goseago. Baldin uste baduzu emakumetan anitz aritzeaz emakumeetako gutizia gutxituko zaizula, engainatzen zara. Aitzitik, nola batbedera anitz jateaz eta anitz edateaz jaleago eta edaleago egiten baita, hala emakumeekin aritzeaz ere egiten da emakoiago eta emakumeetara emanago. Haragiaren apetitua hobeki hiltzen da ez aritzeaz, aritzeaz baino. Uzten ditut beste erremedioak, baina erremedio naturalik haragiaren tentazio gutxi izateko, ez da halakorik nola ez aritzea. Zeren ez aritzeaz antzutzen da haragia, antsikabetua eta ahantzia jartzen da. Baina jarduteaz, beti ernatua, iratzarria eta oroitua egoten da. Hala aurkituko duzu ezen gizon bat alarguntzen denean, berehala, haragiaren lehenbiziko oroitzapenean ezkondu nahirik dabilela, ezin dagokeela, zeren lehengo ohiturak erakartzen baitu. Eta halakoak, nola bera ezin baitagoke, uste du ezen beste guztiak ere hura bezala direla, hark bezain itxarote eta pairu gutxi dutela; baina bere buruaren baizik berririk ez dakiena bezala mintzo da. Zeren jarduten ez duenari haragia hildua, sosegatua, sortua eta antsikabetua dagokio. Beraz, ez jarduteaz, etsia eta gogatua egoteaz eta, guztien buruan, haragiaren plazera zein gauza apurra eta laburra den kontsideratzeaz egizu. Zeren halatan zeure buruari sosegu handi bat emango diozu, eta haragiaren bekatutik begiratzeko ere bosgarren erremedioa aurkituko duzu. XL HARAGIAREN BEKATUTIK BEGIRATZEKO SEIGARREN ERREMEDIOA: HARTAKO PLAZERAK ZEIN ONDORIO GAIZTOA BERE ONDOTIK UZTEN DUEN KONTSIDERATZEA Haragiaren bekatutik begiratzeko –seigarren manamendua konplitzeko– erremedio handia bada ere haragiaren plazera zein gauza apurra eta laburra den kontsideratzea, ordea, ez da ttipiagoa plazer ttipi labur hark zein ondorio gaiztoa bere ondotik uzten duen halaber kontsideratzea eta ongi gogoan edukitzea. Zeren plazera iragan den bezain azkar, han da atsekabea, han da berehala damua, urrikia, atsekabea eta egin ez balu nahia. Kontatzen du Aulo Geliok (Noctes Atticae, I, 3. k., 3-6) Korintioko herrian zela Lais zeritzan emakume eder bat, famatua, amultsua eta plazer-egilea, eta bere ofizioa baliatzen ongi zekiena. Bada, egun batez Demostenes filosofo handi hura emakume haren aldetik iragaten zela, kilikatu zen, ernatu zen, limurtzen hasi zen, eta galdegin zion Lais berari ea zenbana saltzen zen fruitua, zer balio zuen merkatalgoak. Eta alegerarik, ustez ezen ehiza sarean zuen, eskatu zion kopuru handi bat: bostehun ezkutu baino gehiago. Handiari handiki! Demostenesek aditu zuenean ema-mutiriaren eskaria, ihardetsi zion ez uste bezala: –Ego poenitere non tanti emo. Ez dut nik urrikitzea edo urrikia horren garestia erosten. Esan balio bezala: –Badakit, andrea, ezen baldin nik orain iragan baneza zurekin neure apetitu desordenatua, urriki lekidakeela berehala. Bada, urrikitze hura, ondoko damu hura ez dut horren garesti erosten, eta ez hargatik hainbat diru ematen. Eskarnio egin ustea gelditu zen eskarniatua. Eta Demostenesek eman zuen hartan aditzera bekatuari betiere bere ondotik urrikia darraiola. Munduko plazer desordenatu hauetan apetitua hilez gero, asez gero, gozatuz gero, higuintzen da bianda, etortzen da urrikia. Ezin esan daiteke zein erotua ibili zen Amnon, errege Dabiden lehenbiziko semea, bere arreba Tamarren ondoan; zenbat pentsu, gogoeta eta itzulinguru egin zuen hura erdiesteko. Baina gero, erdietsi eta gozatu zuenean, hain gaitzetsi zuen, ezen berehala, ikusi ere nahi gabe, etxetik egotzi baitzuen (2Sm 13:1-18). Errege Lisimakok, egartsua jaundurik, behin edateagatik errendatu zenean, esan zuen edan ondoan, edanaz urrikiturik, tristura handi batekin (Plutarko, Aphothegmata): –O dii: quam parvae voluptatis causa, meipsum ex rege servum effeci. A, Jainkoak! Ala ni, plazer apurragatik, behingo ur hotz edateagatik, errege eta libre nintzena mutil eta gatibu egin bainaiz! Hala esan dezake, bada, haragiaren plazer apur batengatik Deabruaren azpiko eta gatibu egiten denak ere: –Ala ni, deus gutxigatik honetara bainaiz! Jainkoarekin adiskide nintzena etsaitu bainaiz! 2 Haragiaren plazerak zein gutxi irauten duen gogoeta egitera, plazer hura erdiesteko zenbat lan, gau eta egun gaizto iragan behar den pentsatzera, eta guztien gainetik, plazer ezdeus hark, hasi denerako edo hasi gabe bukatzen den hark zenbat pena eta atsekabe ematen duen eta zein ondorio gaiztoa bere ondotik uzten duen kontsideratzera, ez dut uste litzatekeela bat ere egiteko hartan sar litekeenik, ez, behintzat, adimenean dagoenik, zentzua buruan duenik, zoro eta itsu ez denik. Eta hartan dabiltzanek berek ere ezagutzen dute, ezagutzen, huts eginak doazela, anitz kalte handik jasotzen dutela, bai kontzientzian, bai ohorean, bai osasunean eta bai ondasunetan ere. Eta hala uste dut ezen ez dela bat ere, bere desira iragan duenean, tristatzen ez denik, urrikitzen ez zaionik eta, bere baitan, ez duela gehiago bihurtu behar gogoetaren bat egiten ez duenik. Zeren, orduan, bere berri hartan apur bat hoztua dateke, ematua dateke. Ordea, nola gero berriz bere lehengo apetitura bihurtzen baita, hala bihurtzen da halaber bere lehengo tokira, tornura eta lohira. Eta nola euli-farfaila ez baita hegalak erre artio kandelaren ingurunetik urruntzen, hala amoros itsutua ere ez da arima, gorputza eta ondasunak hondatu arte zentzatzen. Eta honen arrazoia da: zeren hala dabilenak ez baitu abereak baino gehiago etorkizunera behatzen, eta ez plazer hark zein ondorio hotza eta atsekabetsua bere ondotik uzten duen behar bezala kontsideratzen. XLI HARAGIAREN BEKATUTIK BEGIRATZEKO ZAZPIGARREN ERREMEDIOA: BOST ZENTZUMENEZ, ETA LEHENBIZIKORIK BEGIEZ, KONTU EDUKITZEA Nork ere nahi baitu bere buruaz kontu onik eman, behar ditu bost zentzumenak –zein baitira ikustea, dastatzea, entzutea, usnatzea eta ukitzea– zaindu eta begiratu. Zeren hauek dira leihoak eta portaleak zeinetatik bekatu guztiak, eta guztiz ere haragiarenak, ariman barrena sartzen baitira. Ate hauek behar ditugu itxi eta hauetaz eduki kontu, baldin etsaia geure arimako gazteluan sartzetik nahi badugu begiratu. Lehenbiziko atea eta portale garrantzizkoa da begietako bista, visus. Honek beste zentzumen guztiei eramaten die abantaila. Honek denbora gutxiz egiten du anitz. Urrutitik ikusten du, eta ikusten duena gogoan barrena sartzen du eta gogoak ere errezibitzen du. Baldin begiari edukitzen ez bazaio begia, kalte handiak gertatuko dira. Ebak ikusi zuen sagarra, eta handik bere burua, gurekin batean, penatan ipini zuen. Dabidek behatu zion behar ez zen emakumeari, eta handik egiteko handitan erori zen. Eskuarki, amodioa begietatik sartzen da, handik hasten eta sortzen da. Ehiztari handiak dira begiak, eta bere gogarako ehizarik eraikitzen dutenean, ez dira erdietsi arte gelditzen. Begietako begiratu batek, behingo behatzeak eta, are, anitzetan ere iragaitzaz eta ustekabean behatzeak ebasten du bihotza. Zer egingo du, bada, behin eta berriz, berariaz eta luzaro beha egote hark? Bigarren behatze hark, berriz bihurtze hark, gogoeta egiten duela eta zer ari den dakiela, begiak finkaturik eta landaturik, emakumearen begiei, begitarteari, gorputzari, edertasunari eta ibilguneari beha egote hark sua pizten du, aitzinatzen du eta azkenean erretzen du. Hargatik esaten du Espiritu Santuak (Si 9:3): –Ne respicias mulierem multivolam, ne forte incidas in laqueos illius. Ez diezaiozula beha emakume arin, airatu, leihariari; behin ikusiz gero, ne respicias, ez berrikus, ez berriz bihur. Zeren bihurtzen bazara, haren sareetan erortzeko arriskutan jarriko zara. Ahalkegabeki, mutiriki, kantoi guztietara begiak dabiltzala dabilen emakumea arrisku da eroria den edo berehala eroriko den. –Ne dicatis vos habere animos pudicos, si habeatis oculos impudicos, quia impudicus oculus animi impudici est nuntius. Ez dezazula esan –dio san Agustinek (Regula: “De habitu...”, 6)– bihotz garbiak eta prestuak dituzuela, baldin begi likitsak eta ahalkegabeak badituzue. Zeren begi likitsa, ahalkegabea eta kanpoan sosegurik ez duena barren gaiztoaren, sosegugabearen eta likitsaren mandataria da eta seinalea. Emakumeetatik begiratu nahi duenak begiratu behar du, halaber, emakumeei behatzetik –behintzat, bai aiherkunde gaiztoz– eta, handik kilikatzen dela sentitzen duelarik, beha egotetik. 1 Gauza ederra da, eta arimarako probetxu handikoa, onestasun batean begiak beheititurik edukitzea. Kontatzen da Hugo apezpiku santu hartaz (Guidus Carthusiae, Vita Hugonis, 4. k.) hain zeukala kontu handia bere begien eginbideaz, non emakume batekin mintzatzen zenean, betiere burua ahal bezainbat beste aldera itzultzen baitzuen. Eta esaten zuen ongi zela hala egitea, zeren bestela gaitz zela, bere gogarako gauza ikusiz gero, hura ez desiratzea edo hartaz gogoetarik egin gabe egotea. Ziroren soldaduek hartu zituztenean asiriarren jendeak eta ondasunak, aurkitu zuten beste presoen artean Pantea ederra, errege Abradaten emaztea. Eta eman zioten berehala aditzera errege Zirori emakume haren edertasuna nolakoa eta zein abantailatua zen. Baina, zeren erregek ez aditu irudi egiten baitzuen, lehiatu zitzaion bere adiskide mamietatik bat, trebeen zitzaiona, Arraspas zeritzan bat, esatera (Rodigino, Lectiones antiquae, XIII, 33. k.): –Errege, ez da egundaino lurraren gainean hain emakume ederrik sortu. Merezi du hainbeste ohore eman diezaiozun; merezi du behin ikus dezazun. Eta prometatzen dizut ezen, baldin behin ikusten baduzu, ez duzula bigarrenean gonbidatzailerik beharko, zerori egongo zarela esana. Orduan ihardetsi zion erregek hala esale hari: –Bada, arrazoi horren berorrengatik ez dut ikusi nahi. Zeren baldin behin libreki ikusten badut, beldur naiz bigarrenerako gatiba nadin eta neure desira desordenatuak behar ez dena eginaraz diezadan. Erantzun eder hau eman zuen errege jentil hark, zeren baitzekien zenbat kalte egiten zuen gauza debekatua ikusteak. Hala irakurtzen dugu Alexandro handiak ere garaipen famatu hura errege Darioren gainean izan zuenean eta haren alaba ederrak beste presoen artean hartu zituztenean, ez zuela nahi izan ekar ziezaioten haietatik bat ere bere aitzinera, beldurrez, ikusi eta gero, behar ez zena eginaraz ziezaioten. Aurkitzen da besterik ere anitz honelako etsenplurik, zeinetatik ondorioztatu behar baitugu, baldin nahi ez badugu behar ez den amodioa gogoan eta bihotzean barrena sar dakigun, zenbait aldiz begiak beheititu eta itxi behar ditugula, begietako bistaren atari honetaz –zein baita lehenbiziko zentzumena– kontu eduki behar dugula. Zeren hau da erremedio ona, haragiaren bekatutik begiratzeko hartu behar dena. XLII HARAGIAREN BEKATUTIK BEGIRATZEKO ZORTZIGARREN ERREMEDIOA: MIHIAZ ETA GUSTUAZ KONTU EDUKITZEA Baldin bistaren atariari eduki behar bazaio begia eta egin guardia, seguru da ez zaiola gutxiago egin behar gustuarenari. Hain ongi eduki behar da kontua bataz nola besteaz. Eta gustuaz mintzo naizenean, mintzo naiz ahoari ukitzen zaizkion gauza guztiez: hala mihiaz eta mintzatzeaz, nola janaz eta edanaz. Lehenbizikorik behar da hutsalki, ergelki, arinki eta likiski mintzatzetik begiratu. Zeren jondoni Paulok dioen bezala (1Ko 15:33): –Corrumpunt bonos mores, colloquia mala. Solas gaiztoek galtzen dituzte aztura onak. Eta esaten dute filosofoek ere (Fco. Suarez, Disputationes Metaphysicae, 1, 6, 11): -–Voces sunt signa conceptuum. Mihiak deklaratzen du zer daukan batbederak bere gogoan eta bihotzean. Nor nola mintzo baita kanpoan, hala ohi da barrenean. Zer baitauka gogoan, hura aipatu nahi du jendartean. Mihia da bihotzaren mandataria; mihian da ezagun nor den batbedera eta bai nongo den ere, jondoni Petri ezagutu zen bezala. Arbuiatu behar dira eta gibelatu hitz alferrak, arinak, jokalariak, jostailuak eta, guztien gainetik, likitsak, hutsalak eta ergelak. Zeren haiek iratzartzen dute lo datzana, eraikitzen dute ehiza eta eginarazten behar ez dena. Haiek dira su-pizgarriak eta elkarrekin trebatzeko bideak. Halako hitzetatik behar duzu garbitu zeure mihia, baldin nahi baduzu begiratu emakumeetatik zeure burua. 1 Halaber, begiratu behar duzu emakumeekin sobera solastatzetik, hizketatzetik eta hiztun izatetik. Zeren haien elkarrizketak eta solasak berarekin du eztia, berarekin du balakua, limurtzeko okasioa eta bai elkarri lotzeko kola, biska eta lekeda ere. Emakumeen artean dabilenak, haiekin solastatzeaz atsegin hartzen duenak eta, guztiarekin ere, ez dela erortzearen beldur esaten duenak sinetsarazi nahi du ez dela haragiz egina, ez dela gizona; edo sua golkoan gorderik, arropei lotu gabe erabil dezakeela; edo ikatz bizien gainean ortozik, oin-zolak erre gabe ibil daitekeela (ikus Basilio, Constitutiones Monachorum, 4. k.). Ordea, esaten du Espiritu Santuak ez dela posible hala egitea (Es 6:27-29): –Numquid potest homo abscondere ignem in sinu suo, ut vestimenta illius non ardeant? aut ambulare super prunas ut non comburantur plantae eius? Sic qui ingreditur ad mulierem. Emakumeekin ibiltzea eta kalterik ez jasotzea suan erre gabe egotea bezala da. Nornahi den eta nolakoa nahi den zarela, zaren handi edo ttipi, zaren debozioz eta intentzio onez betea, azken batean, zaren zeure ustez harria baino gogorrago eta urrea baino finago, baina emakumeak bere hitz leunaz, solas graziatsuaz, eztiaz eta emeaz beretakotuko zaitu, zentzutik aterako, liluratuko eta beste aldera itzuliko zaitu. Zabiltza errota hartara: irina lotuko zaizu; hurbil zakizkio: kutsatuko zaitu. Halatan esaten du jondoni Paulok (1Ko 6:18): –Fugite fornicationem. Ihes egizue emakumeetatik, haragiaren bekatutik; ipin ezazue zuen eta okasioaren artean murru bat, ez elkargana hurbil. Ez du esaten jondoni Paulok, beste bekatuez bezala, emakumeetako bekatutik defenda gaitezela, ez du esaten armetan mokoz moko jar gakizkiola, baina dio fugite, ihes dagigula (ikus Agustin, De honestate mulierum, 1. k.). Esan baleza bezala: –Beste bekatu guztiei behar diegu, Jainkoaren faborearekin batean, kontra egin eta defendatu, baina haragiarenari ihes egin. Halatan behar dugu garaitu eta garaipena erdietsi. Zeren, bestela, hurbilduz gero, elkarganatuz gero, solasean bakarrik jarriz gero, gaitz da kutsatu gabe gelditzea, sarean sartu gabe itzurtzea. Ez da zuhurtzia izurria den lekura erremedioetan fidaturik joatea. Alde egizu! Ihes egizu! Hura da ez izurriztatzeko erremediorik hoberena eta seguruena. Bada, emakumeetako bekatua izurriaren pare da: kutsuz doa, aski du ukitzea, aski du hurbiltzea. Har dezagun, beraz, jondoni Pauloren kontseilua: dagigun ihes, ez gaitezela okasiotan sar eta ez jar. Lehenagoko enperadore gaizto haien denboran, haietatik ihes egiten zuenak galtzen zuen martirioaren palma eta koroa. Koroa hura erdietsiko zuenak, martiri izango zenak ez zuen ihesik egin behar. Baina diferente da kastitatea ez galtzeagatik ihes egitean: ihes egite hura, okasiotan zarenean zeure buruaren begiratze eta bortxatze hura da martirio eta martiri izatea. Hala esaten du san Agustinek (240. serm., De tempore): –Nemo dicat, fratres mei carissimi, quod temporibus nostris martyrum certamina esse non posunt; habet enim pax nostra martyres suos. Nam libidinem fugere, pars magna martyrii est. Ez dezala inork esan ezen orain gure denbora honetan ezin datekeela martiririk. Badira, bai, orain ere martiriak. Zeren haragiaren apetitu desordenatuak garaitzea, emakumeetatik ihes egitea eta bere burua haietatik begiratzea balentria handia da eta martiri izatea. 2 Ordea, zergatik esaten da beste bekatuak defendatuz eta kontrakarrean jarriz behar ditugula garaitu, baina haragiarena ihes eginez? Lehenbiziko arrazoia: zeren gizona eta emakumea sua eta iztupa bezala baitira. Beraz, ez dira elkarrenganako on; hurbiltzen badira, ez da segurantzarik; aparte egotea da hoberenik. Bigarren arrazoia: zeren ez baita on, hurbiltzeaz indar hartzen duen etsaiari alderatzea. Hala da, bada, haragia eta haragiaren bekatua. Zeren gure haragia, lehen geldi eta sosegu onean zegoena, beste haragiagana hurbiltzeaz pizten da, ernatzen da, indarrean sartzen da, etsai bihurtzen da. Eta nola errege batek herabe bailuke, bere etsaien kontra guduan eta konbatean sartzera, lekikeenean bere soldadu propioak bere traidore dituela, bere kontra jaikiko zaizkiola, hala behar dugu guk ere izan herabe haragiarekin ihardukitzera eta gerlan sartzera, zeren gure haragia, traidore bat bezala, gure kontra jaikitzen baita. Arrazoi hau ematen du aditzera eta bai deklaratzen ere san Tomasek, esaten duenean (S. Th., 2-2, 35, 1: 4): –Peccatum semper est fugiendum; sed impugnatio peccati quandoque est vincenda fugiendo, quandoque vero resistendo. Fugiendo, quando continuata cogitatio perseverans, auget incentivum peccati, sicut accidit in luxuria. Resistendo autem, quando cogitatio perseverans tollit incentivum peccati sicut accidit in omnibus peccatis praeter luxuriam. Bekatutik beti behar da ihes egin, baina bekatuaren oldarra, zirikaldia eta tentazioa, batean, behar da ihes eginez eta aldenduz garaitu, eta bestean, defendatuz, kontra eginez eta borrokatuz. Baldin defendatze hartaz eta hartan pentsatzeaz gutxitzen bada bekatuaren tentazioa, nola egiten baita haragiaren bekatuaz beste bekatu guztietan, orduan hobe da defentsan jartzea eta tentazioaren kontra borrokatzea. Baina baldin defendatze hartaz eta hartan pentsatzeaz piztenago bada sua eta handitzenago tentazioa, nola egiten baita haragiaren bekatuan, orduan behar da ihes egin, eta ez nola defendatuko den gogoetan jarri, zeren gogoeta hura bera da su-pizgarri. Eta ihes egitea da, hartarako okasioetatik, solasetatik, elkartzeetatik eta gogoetetatik begiratzea. Zeren dirua ez da seguru ohoinak diren lekuan, ez ardia otsoen artean, eta ez iztupa suaren aldean. Gauza arriskutsuak dira hauek elkarrekiko, eta bai gizona eta emakumea ere berak bakarrik bi-bian egoteko. 3 Baina oraino bi-bian egoteaz halako arriskurik ez balitz ere, bada beste arrazoi bat emakumeetatik aldentzeko, haien artean ez maiz ibiltzeko eta solasean ez sobera egoteko, zein baita etsenplu ona emateko eta eskandalua ekiditeko dugun obligazioa. Ez da aski zeure kontzientzian barrena kasto, garbi eta zintzo izatea, baina kanpoan ere eta munduarekiko ere hala behar duzu izan: –Providentes bona, non tantum coram Deo, sed etiam coram omnibus hominibus (Erm 12:17). Bere arauaz, Jainkoaz bezala munduaz ere, barrenekoaz bezala kanpokoaz ere egin behar da kontu. Ongi heldu da puntu honetara emakume prestuaz Espiritu Santuak dioena (Es 31:13): –Quaesivit lanam et linum et operata est consilio manuum suarum. Bilatu zituen ilea eta lihoa, eta biak bere eskuz landu eta obratu zituen: ilea kanpoko eta lihoa barreneko. Lege Zaharreko arka famatu hura urre finez kanpotik eta barrenetik urreztatua zen (Ir 25:11): –Deaurabis eam auro mundissimo intus et foris. Zeruko senarrak bitan deitzen du ederra bere emaztea –Quam pulchra es amica mea, quam pulchra (Kt 4:1)–, aditzera emateagatik kristau on izango denak, kanpoan eta barrenean, bietan behar duela izan on eta eder, biez behar duela eduki kontu eta ardura. Gizon bat maiz, bakarrik eta premia gabe emakume batekin egoteak ematen du okasio bekatu eragiteko eta goganbeharrarazteko badela haien artean behar ez den zenbait ezagutza eta amodio desordenatu. –Nahi ez duenak esankizunik, ez demala okasiorik! Nahi ez duenak dei dezaten otso, ez dezala jantz otso-larrurik! Nahi ez duenak irten dadin kerik, ez dagiela surik! Lege zuzenean ordenatua dago frogantzarik aski dela emakume bat gaiztotzat emateko, gizonarekin bakarrik, ezorenean eta hartarako lekuan aurkitzea, zeren aieru haiek, itzalgaizka ibiltze haiek baitira frogantzarik aski goganbeharrarazteko. Beraz, honelatan ez da aski intentzio ona izatea, baina behar da bekatu eragiteko eskandalua eta okasioa ere ekidin eta kendu. Naturaren aldetik denaz bezainbatean, ez daude behin ere elkarrekin seguru gizona eta emakumea. Aski da gizon eta emakume izatea arriskutan izateko eta egoteko. Eta tentatzailea ere ez datza behin ere lo: hark eraikitzen du erbia, pizten du sua, gogoratzen du bekatua, iratzartzen du haragia. Eta behin iratzarriz gero, gaitz da lokartzen; gogoa airatuz gero, gaitz da sosegatzen eta bere lekura bihurtzen (ikus Krisostomo, Contra concubinarios sermoia). Zuhurtzia handia da emakumeekin ezagutzatan ez sartzea, nor bere lekuetan egotea. Zeren behin elkargana abiatuz gero, gaitz da handik pizten den sua iraungitzea, eta bai, halaber, jendea isilik edukitzea. Lehenbizian erraz da emakumeekin adiskidetzetik eta trebatzetik begiratzea, solasean barrena ez sartzea, elkargana ez ibiltzea; baina behin abiatuz gero, adiskidetuz gero, trebatuz gero eta elkarrekin solasean, hizketan, eleketan, presenteketan, gosalketan eta bisitaketan hasiz gero, arrisku handia da arimarentzako eta etsenplu gaiztoa munduarentzako. Beraz, honelatan, emakumeetatik begiratu nahi duenak, nola behar baitu bere mihia edozein hitz esatetik gibelatu, hala behar du, halaber, emakumeekin trebatzetik, ibiltzetik eta hitzetan eta ezagutzatan sobera barrena sartzetik aldendu. XLIII HARAGIAREN BEKATUTIK BEGIRATZEKO BEDERATZIGARREN ERREMEDIOA: SABELARI EZ SOBERA EMATEA Emakumeetako egiteko honetan bere buruaz kontu ona eman nahi duenak behar du jan- edanetik ere begiratu. Behar du neurriz jaten, edaten, eta gustuaren eta zaporearen atea ahal bezainbat itxirik edukitzen saiatu. –Sine Cerere et Bacho friget Venus –dio Terentziok (Eunuchus, 4. at., 5. ager., 732 berts.)–. Ogirik eta ardorik ez den lekuan hotz da Venus; ez da han maitakeriarik eta ez emakume gutiziarik. Esana da haragiaren plazera, amodio desordenatua sua bezala dela; eta su haren egurrak jan-edanak direla. Ken iezazkiozu, beraz, egurrak, jan ezazu gutxi eta edan gutxiago, eta halatan, edo ez da sua piztuko, edo piztua azkar iraungiko da. Ordenatu zuen Solonek bere legeetan, baldin herriko kargudun bati gerta bazekion sobera edatea eta handik mihia moteltzea edo zangoak kordokatzea, ken zekiola berehala bere kargua. Eta arrazoirekin ordenatu zuen hala. Zeren bere burua ezin goberna dezakeenak, nola egingo du besterena? –Qui sibi nequam est, cui alii bonus erit? (Si 14:5). Beretzat gaizto dena, nola izango da besterentzat on? Korintiarrek bere erregea izendatzean eta koroatzean erabiltzen zuten zeremonietatik bat zen ekartzea bere aitzinera beira bat ur, aditzera emateagatik ez zuela handik aurrera ardorik edan behar, edo edanen zuena ongi ematurik eta urtzuturik edan beharko zuela (Eneas Silvio, Pio II.a, De Europa, 10. k.). Lehenago, Erromako emakumeek ez zuten batere ardorik edaten (Alexander ab Alexandro, Geniales dies, 3, 11); zeren besterentzat ere itsusi da sobera edatea, baina emakumeentzat are itsusiago eta arriskutsuago. Handik uste dut etorri zela ohitura –arrotz kalean–, kanpotik etortzean, gizonek emazteei pot egitea, musu ematea, jakiteko ea ardo-usainik bazutenetz. Federiko, izen honetako hirugarren enperadoreak ez zuen bere mendean ardorik edan, anitz baitzen aleman batentzat. Eta nola berak ez baitzuen edaten, begi gaitzez behatzen zien ardora emanak ziren guztiei. Enperadore hark ez zuen haurrik, ezkondua bazen ere. Eta medikuek, elkargana bildurik eta kontseilu harturik, esan zioten enperatrizari ardo apur bat edan behar zuela, eta halatan zenbait haur izango zuela (A. Beccadelli, De dictis et factis Alphonsi Regis, 7. zkia. ). Enperadoreak medikuen abisu honen berri jakin zuenean, desira handia bazuen ere bere ondotik zenbait ume uzteko, guztiarekin ere, gaztigatu zion bere emazteari begira zezala, ez zezala halako erremediorik har, ez zezala haur izateagatik ardorik edan. Zeren nahiago zuela emazte haurgabea, esterila, defota, antzua eta, haltz-oihanaren bista bezala, fruitugabea, ezen ez hordia eta ardo-edalea. Nabarmentzeko hitzak ziren hauek eta seguru ongi esanak, zeren handiak baitira ardoak, guztiz ere emakumetan, egiten dituen kalteak, hain handiak ezen ez baita emakume edalea baitan zer fidaturik, eta ez gizon hordia baitan ere. Ohoin bat, jokari bat, arnegari bat, putazale bat gaizto da; ordea, gizon da, bere adimenean dago, zerbaitetarako gai da. Baina hordia, ardankoia abere da, ez da gizon. Zeren gizon izatea da adimenean egotea, arrazoiaz baliatzea. Beraz, hordia, hordi deno, ez da gizon, zeren orduan ez baitago adimenean; ez baita orduan aberea baino gehiago arrazoiaz baliatzen. Eta hala, gizonak bere gizontasunean ezin duke falta handiagorik eta ez desohore desohoragarriagorik –munduak hala ez badauka ere– horditzea, adimena nahastea eta fama hartan jartzea baino. Noe patriarka santu hura horditu zen egun batez, eta harena ez zen miresteko, zeren lehenbiziko edanaldia baitzuen eta ez baitzekien oraino orduan zer indar zuen ardoak, zeren, jakin eta gero, begiratu zen. Baina miresteko da nola orain –zuk dakizularik eta esperientzia duzularik, neurri batera helduz gero, ardoak iragaten zaituen, gaitz egiten dizun– ez zaren guztiarekin ere zentzatzen eta ez berriz halakatzetik begiratzen. Likurgo Traziako erregeari iruditu zitzaion ezen ez zela aski ardoak egiten zituen kalteak erremediatzeko, legez eta ordenantzaz ardoa debekatzea –zeren hura zela, erroak utzirik, adarrei lotzea–, baina mahastiak behar zirela ebaki eta pikatu. Eta hala, bere erresumako guztiak, bat ere utzi gabe, pikarazi zituen eta agindu zuen ez zedila inor handik aurrera, biziaren penan, ausartu mahastiak landatzera. Eta bide hartaz, errege hark erremediatu zituen ardoak bere erresuman egiten zizkion kalte guztiak. Sabel betea, janariz eta edariz gainez egina, ez da deusetarako ere on, jokatzeko, mintzatzeko, erasteko eta erokeria egiteko baizik. –Nolite inebriari vino in quo est luxuria –dio jondoni Paulok (Ef 5:18)–. Ez zaiteztela hordi, ez zaiteztela ardoz bete, zeren ardoa den lekuan da haragiaren desira desordenatua. Honen arauaz esaten du san Jeronimok (Adversus Iovinianum, II, 7): –Esus carnium et potus vini, ventrisque saturitas seminarium libidinis est. Haragi jatea, ardo edatea eta sabela betetzea gutizia desordenatuen hazlekua da eta mintegia. Zeren nola mintegian birlandatzeko landareak sortzen eta hazten baitira, hala jan- edanean ere haragiaren plazer hartzeko gutiziak, oroitzapenak eta kilikadurak pizten eta egiten dira. Gaitz da alfer, aise eta ase egotea eta haragiaren bekatutik eskapatzea. 1 Eskuarki, jende aberatsak, jan-edanean igeri dabiltzanak erortzenago dira haragiaren bekatutan, pobre gosez direnak baino. Hala frogatu zuen Sesostris Egiptoko erregeak (Herodoto, Historiae, II: Euterpe). Errege hura eritu zen, eta itsutu eritasun hartatik. Eta berehala erresumako apaiz, mediku eta hartarako ziren gainerako guztiek kontsulta eginik, esan zioten bere senarraz besterekin egitekorik izan ez zuen emakume baten gernuaz eta ur-isuriaz garbitu behar zituela bere begiak, eta halatan, berehala argituko eta sendatuko zitzaizkiola. Erregek hau aditu zuenean, sendatutzat zeukan bere burua, zeren uste zuen ezen mundu guztia prestu zela. Eta hasi zen berehala agindu zitzaion erremedioaz baliatzen. Eta lehenbizikorik, seguru baino seguruago, hartu zuen erreginaren ur-isuria, bere emaztearena, eta hartaz medikuek agindu zioten bezala, busti zituen begiak eta gantzutu. Baina alferrik; lehen bezain itsu gelditu zen, zeren erreginak bere senarraz besterik ere dastatu baitzuen. Errege soil miretsi zen honetaz, zeren ez zuen uste ezen erreginak halako jokorik jokatu zukeela. Erreginaz etsi zuenean, hasi zen berriz beste emakume garrantzitsu eta aberats batzuetatik proba egiten, ur-isuri ekartzen eta senda zitekeenetz saiatzen. Baina ez zioten haiek ere sentiarazten eta ez onik egiten. Zeren guztiak ziren berdin prestu, guztiak ziren besterekin kutsatuak. Orduan erregek, hurran-hurran etsia zebilela, egin zuen topo baratzezain pobre baten emaztearekin, eta haren ur-isuriaz begiak ukitu zituen bezain azkar, argitu zen. Eta sendatu zenean, hartu zuen emakume pobre hura, egin zuen bere emazte, egin zuen Egiptoko erregina. Eta gero, beste guztiak, gaizto frogatu zituenak, erregina bera barrenean zela, bizirik errearazi zituen. Aberatsak aurkitu zituen pobreak baino gaiztoago eta haragiaren bekatuan eroriago. Aberastasunetik, jan-edanetik, gulatik, sabeldarraiotasunetik sortzen da haragiaren plazer-nahia eta bekatua. Eta abstinentziatik, neurriz bizitzetik, sabel-ederretako izatetik eta pairatzetik heldu da debozioa eta santutasuna. Esaten du Klimako santuak (Scala Paradisi, 14. k.) nahi dena izan kasto eta, alabaina, ardoan zopatua egon eta asean ibili, halakoa dela suari iraungitzeko olio eta orari beregandik hastantzeko ogi-puska ematea bezala, zeren nola ora bazkarekin hurbiltzenago baita, eta bai sua ere olioarekin piztenago, hala haragiaren gutizia ere jan-edan harekin berretzenago eta handitzenago da. Beraz, emakumeetatik begiratu nahi duenak begiratu behar du, halaber, ahozuri izatetik, ardoan sobera sartzetik. Zeren, halatan, begiratuko du bigarren zentzumena eta ataria, zein baita ahoa, mihia, gustua, zaporea, zeinetatik sartzen baita haragiaren bekatu-hatsa, higuina eta batbederaren galgarria. XLIV HARAGIAREN BEKATUTIK BEGIRATZEKO LEHENEN GAINERAKO ERREMEDIOAK Nola haragiaren bekatuan erori nahi ez duenak eduki behar baitu kontu lehenbiziko bi zentzumenez –bistaz eta gustuaz, begiez eta ahoaz–, hala eduki behar du kontu gainerako beste zentzumen guztiez ere. Eduki behar du kontu entzuteaz, belarriez (auditus). Zeren anitz gauza entzuten da, hobe bailitzateke ez entzutea. Inor emakumeez edo emakumeetako gauzaz mintzo denean, ez ernaturik egon, itxi belarriak, itzul burua beste aldera; ahalik eta gutxien halako solasik entzun, ez haietan atseginik har. Zeren san Isidorok dioen bezala (Synonyma de lamentatione, II, 45): –Facile agitur quod libenter auditur. Errazki egiten da gogotik entzuten dena. Bada, kastitatea begiratu nahi duenak ez du dantzatu ere behar eta ez soinuak diren lekura joan. Lehenago, jentilen artean eta denboran, desohore zen dantzatzea; eta hala, ez zen jende ohorezkorik eta kontuzkorik dantzetan aurkitzen. Zizeronen esana da (Pro Murena, 6, 13): –Nemo fere sobrius saltat. Inor gutxi dantzatzen da edana ez denean, adimenean dagoenean. Jende gazte arinen, zentzuz baino zangoz fidago direnen ofizioa da dantza. Dantzan ez da okasio gaiztorik baizik. Han ahalkea galtzen da, ezagutzatan sartzen da, solastatzen da, trebatzen da, eskuztatzen da, mandatua egiten da eta, azkenean, behar ez dena sortzen da. Esan behar da gauza gaiztoa eta okasiotsua dela dantza, hartaz dioenean san Agustinek (Enarrationes in Psalmos [2], 91, 2): –Melius est in diebus dominicis arare vel fodere, quam choreas ducere. Hobe da eta bekatu gutxiago da igande egunetan golde-nabarretan eta lur-lanetan trabailatzea, ezen ez dantzan aritzea. Eta hau esaten du honela, ez zeren dantzatzea bera hain gauza gaiztoa den, baina zeren dantzatik anitz okasio behar ez denik sortzen den. 1 Bada, begiratu behar da usnaren ataria ere (odoratus); eduki behar da kontu sudurrez ere. Zeren sar daiteke handik ere behar ez dena. Ez da musketaz, baltsamoz eta halako beste usain onez usaineztaturik ibili behar. Zeren hala ibiltzeak ez du usain ona. Eta halatan agindu zuen Solonek ez zezala inork usain-merkatalgotan trata. Zenon filosofoak ez zuen ikusi ere nahi halako usainik zuenik. Eta hala, egun batez, bere konpainiako bati usaina aditurik eta bere baitan haserreturik, galdegin zuen (Laertzio, VII, Vita Zenonis): –Quis hic mulierem olet? Nork du hemen emakume-urrina? Bidegabe handia egiten dio bere buruari, emazteki bat bezala, urrineztaturik eta usain onez beterik dabilen gizonak, zeren halakoak, usain ona emateagatik, ematen baitio bere buruari fama gaiztoa. Badira gauza batzuk, ikusi gabe, sudurraz beraz, urrinaz usnatzen eta jakiten baitira non diren eta zer diren. Hala, beti usain onez beterik dabiltzanak ere usnatzen dira eta, ikusi gabe, ikusten nolakoak, zer azturatakoak eta zertsu diren. Halatan, Martzial poetak esan zion egun batez Postumo bere adiskideari (Epigrammata, II, 12): –Hoc mihi suspectum est, quod oles bene, Postume, semper./ Postume, non bene olet, qui semper bene olet. Goganbehar gaiztoa ematen dit, Postumo, zu beti usain onez beterik ibiltzeak. Zeren ez du usain ona beti usain ona duenak. Usainik hoberena batere usainik ez izatea da. Hala esaten du Zizeronek emakumeez mintzo dela (Epist. ad Atticum, V, 2. ep. ): –Ideo bene olent, quia nihil olent. Usainik ez dutenean dute usain ona, eta, zeren ez baitute usainik, hargatik dute usain ona. Baltsamo, anbar, musketa eta halako beste usain onak jendeak engainatzeko, beregana erakartzeko, bere buruez mintzarazteko eta haragiaren bekatuan eroriak dautzala usnatzeko eta goganbehartzeko bideak eta seinaleak dira; edo bai, zeren benturaz zenbait usain gaizto eta kirats baitute bere gorputzean, hura estaltzeko eta ezeztatzeko hartuak eta pentsatuak. 2 Ez du deus balio usain onez beterik ibiltzeak eta, are gutxiago, berari dagokion baino soineko arropa ederragoak erabiltzeak. Zeren haiek guztiak dira harrotasun hutsalak, desordenuak eta desoneskeriaren seinaleak. –Amictus corporis et risus dentium et incessus hominis enuntiant de illo (Si 19:27). Soineko arropetan, irrian eta ibiltzean da ezagun nolakoa eta zertarako den batbedera. Nola kea den lekuan ageri baita badela sua, hala sosegurik gabe, hortzak erakutsirik, beti irriz egotean eta hutsalki jantzirik ibiltzean da, halaber, ezagun eta ageri han dela ergelkeria franko eta adimena eskas. –Habentes alimenta, et quibus tegamur, his contenti sumus –dio jondoni Paulok (1Tm 6:8)–. Dugunean zertaz gosea hil eta larrua estal, askiesten dugu. Ez dugu jan-edanean eta jantzietan soberaniarik galdegiten; doiaz elikatzen, iragaten eta kontentatzen gara. Zenbait granoz arin delako seinalea da besteak ez bezala edo dagokion baino ederkiago jantzirik ibiltzea, eta jantzi haiek soinean dituenean bere buruari pozarren beha egotea. Halako bati esan zion egun batez sekretuan belarrira Demonakte zeritzan filosofo batek (Luziano Samosatakoa, Vita Demonactis): –Heus tu, hoc ante te ovis ferebat. Hola, adiskidea! Orain zuk soinean darabiltzazun arropa horiek zuk baino lehen erabili zituen bere bizkarrean ardiak, zeren haren ileaz eginak baitira. Ez duzu, beraz, horietaz zer loriaturik. Eta bestela ere, zeren jantziak bekatuaren estalgarriak bezala eta bekatu egin dugulako seinaleak baitira, ederki esaten du san Tomasek puntu honen gainean (De eruditione principum, V, 55. k.): –Qui gloriatur de veste similis est furi glorianti de cautero; quia propter peccatum Adae usus vestium introductus est. Nahi duzu jakin bere soineko arropez harrotzen eta loriatzen dena nola den? Zigortu ondoan, justiziak sorbaldan burdin goriaz ematen dion markaz eta zigiluaz harrotzen den ohoina bezala: marka hura bere gaiztakeriengatik ematen zaio ohoinari, eta bai guri ere janzkera gure eta Adan gure lehenbiziko aitaren bekatuagatik. Bekaturik izan ez balitz, ez zen beharko janzkerarik. Ez dugu, beraz, haietaz zer burgoiturik. Batbederak behar du, bere egoeraren arabera, nola baitagokio, hala jantzi, eta ez gehiago. Zeren gehiagokoaz desohoratzenago du bere burua, ohoratzen baino. Errege jantzi bedi oihalik hoberenaz, aitonen semea erdikoaz eta nekazalea arruntenaz. Zeren gainerako guztiak dira harrokeria hutsalak, desordenuak, bekatu egiteko eta eginarazteko bideak eta kastitatearen galgarriak. 3 Baina guztien gainetik, bosgarren sentsu korporalari –zein baita tactus, ukitzea, eskuztatzea eta hazkatzea– eduki behar zaio begia. Zeren hura da ohoinen kapitaina, ijitoen kondea, besteren ebatsietan ere parte duena. Ikusteaz, mintzatzeaz, entzuteaz eta usnatzeaz egiten da bekatu, ez, ordea, ukitzeaz bezala. Beste zentzumenek urrutitik, baina ukitzeak hurbiletik oldartzen du. Begiek, mihiak eta beste zentzumenek eraikitzen dute ehiza, baina ukitzeak atzematen du. Gaiztoeneko puntuan, likiski behatuagatik eta mintzatuagatik ere, aitzinago iragaten ez bada, ez da obrarik bederen; baina ukituz gero, amaitu da jokoa, egin da kolpea. Likiski behatzea eritzeko seinalea da, baina ukitzea hiltzekoa. Oraino, solastatzeaz eta behatzeaz beraz ere kilikatzen da, oroitzen da. Zer izango da, bada, ukitzera eta musu-besarketara dadinean? Urrutitik ere berotzen du suak; zer gertatuko da, bada, hurbil dadinean? Gaizki doa iztupaz, suak uki dezanean. Beste joko guztiak ametsetakoak bezala dira; ukitzea da iratzarririkakoa, fina eta segurua. Gatzak, urez egina delarik, ez du ura baino etsai handiagorik, ez eta haragiak ere, haragiz delarik, haragia baino galgarriagorik. Batak eta besteak ere aski dute elkar ukitzea. Beraz, aparta, ez hurbil, ez uki! Zeren nola ukitzeak pizten baitu sua, hala ez ukitzeak, hastantzeak eta aldaraturik egoteak begiratzen du kastitatea eta garbitasuna. Azken finean, erremedio guztien gaineko behar litzatekeen erremedioa da kontsideratzea Jainkoak ikusten gaituela, beha dagokigula. Eta baldin den pertsonarik ezdeusenaren behatzeak, ikusteak eta aitzinean gertatzeak gibelatzen bagaitu halako bekaturik egitetik, nola izango da arrazoi gibela gaitzan, geldi gaitzan eta begira gaitzan Jainkoak ikusten gaituela eta aldakan beha dagokigula jakiteak eta pentsatzeak? Hauek dira –eta Jainkoari nahi dakiola aski izan daitezen!– haragiaren bekatuan ez erortzeko eta, eroriz gero ere, jaikitzeko hartu behar diren erremediorik garrantzizkoenak. Zein baldin egun beretik, gerorako luzatu gabe hartzen eta kontsideratzen badituzu, jakizu ezen gorputzari aisia handi bat emango diozula eta arimari are handiagoa, eta halatan, munduan duzun etsairik handiena eta arriskutsuena, zein baita haragia, azpiratuko, garaituko eta errendatua ipiniko duzula. XLV NOLA GEROTIK GERORA GABILTZAN BITARTEAN ALHA ZAIGUN KONTZIENTZIA GAIZTOA Esaten du san Tomasek (S. Th., 1, 79, 2) –eta frogatzen den gauza da– gure Jaungoikoak ereina eta landatua daukala gure baitan barrena jakin behar diren gauzak jakiteko eta egin behar direnak egiteko hazia eta landarea. Badu gutarik batbederak bere baitan barrena Jainkoak emandako aitzindari bat, gidari bat eta argi-egile bat. Eta hark erakusten digu zer dagokigun ongi eta zer gaizki, noiz goazen makur eta noiz artez. Eta are gehiago, hark berak bere ahal guztiaz aitzinatzen eta bulkatzen gaitu ongi egitera, eta gibelatzen eta hastantzen gaizki egitetik. Barreneko aitzindari hau edo argi-egile hau —zein deitzen baitute doktoreek synderesis—, da gure kontzientzia edo arrazoi naturala. Zeren ez da munduan halako aitzindaririk, gidaririk, argi-egilerik eta ez erakuslerik nola baita arrazoi naturala eta arrazoi naturalak dioena, naturaren arauaz, legez eta etorkiz dakiguna; batbederaren barrena, kontzientzia; eta kontzientziaren lehenbiziko mugida, abiadura, erakuspena eta kontseilua. Hala esaten du san Krisostomok (12. hom., Ad populum Antiochenum): –Ab initio Deus hominem formans, legem illi naturalem indidit. Et quid, tandem, est lex naturalis? Conscientiam nobis expressit, et per se discibilem constituit bonorum et contrariorum scientiam. Non, enim, opus habemus discere quod mala est fornicatio, sed initio hoc scimus. Hastetik, egin zuenetik beretik eman zion Jainkoak gizonari lege naturala. Eta zer da lege naturala? Batbederaren kontzientzia, zeinetan barrena baitago bere buruzko ezagutza bat jakiteko zein den zuzen eta zein makur, zein den ongi eta zein gaizki; halako moldez, ezen ez baita zer ibilirik frogatzen gauza gaiztoa dela bekatua eta gauza ona bertutea, zeren badakigu hau geuk ere geure burutik, lege naturalak berak, kontzientziak erakutsirik. 1 Honetan da ageri maite gaituela geure Jaungoikoak, zeren geure baitan barrena, geure etxean, bestetara kontseilatzera joateko premia gabe ematen baitigu behar dugun nagusia eta erakuslea, zein baita kontzientzia. Eta halatan kondenatzen dira lege naturalaren arabera bizitzen ez diren jentilak. Merkatari batzuek egiten dituzte salerosi nahasiak, tratu gaiztoak, lukurreriazkoak, engainuz beteak. Eta gero joaten dira bere konfesoreetara, edo bestetara, galdegitera ea tratu haiek justu direnetz, egin daitezkeenetz. Eta joaten dira beharrik gabe, premia gutxirekin. Zeren hain da argi ez direla justu, non, baldin bestetan ibili gabe galdegin baliezaiote berek bere kontzientziari, hark berak erakuts bailiezaieke egia; eta handik, berek kondena bailitzakete bere buruak, zeren bere kontzientzian barrena aurki bailezakete, idatzirik bezala, galdez dauden guztiaren erantzuna. Utzi nahi badiogu kontzientziari, bera da aski errebelatzetik begiratzeko, artez eta xuxen ibilarazteko. Zeren badaki behar dena, eta bere egitez guztia da onera emana. Eta san Tomasek dioen bezala (S. Th., 1, 79, 13), ontasunari egiten dio festa eta begitarte, eta gaiztotasunari liskar eta beltzuri: Synderesis dicitur instigare ad bonum, et murmurare de malo. Beraz, bere kontzientziaren arabera, haren buruz eta kontseiluz gobernatzen eta gidatzen dena ongi da, alegera da, kontent eta pozik da. Baina bestela, bere kontzientziaren kontra dabilena gaizki da, beltz, ilun, goibel eta triste da. Eta arrazoirekin da hala. Zeren nola zangoa, besoa edo gorputzeko beste parte bat bere tokitik eta junturatik ateratzen, makurtzen, aldaratzen edo zainartatzen denean ezin sosega baitaiteke eta ez pausa bere tokira eta lekura bihurtu arte, hala bere kontzientziari gibela emanik bekatuan dagoena ere, nola behar den junturatik eta arrazoi naturalak erakusten dion bidetik eta ordenantzatik aldaratua eta aterea baitago, ezin sosega daiteke eta ez pausa, hala dagoeno. Bere bidean eta tokian dagoenean, nola baitago bekaturik ez duenean, orduan da alegera, arrai, aise, pozik eta bere gogara. 2 Ez da kontzientzia gaiztoa bezain gaiztorik eta erregarririk; bera da zigorrik eta borrerorik aski. Hala esaten du san Agustinek Jainkoarekin mintzo dela (Confessiones, I, 12. k., 19): –Iussisti enim et sic est, ut poena sua, sibi sit, omnis inordinatus animus. Agindu zenuen eta hala da: kontzientzia desordenatua bera da bere buruarentzat pena eta gaztigu. Ez da uharrik eta ez uholderik lurra hala larrutzen eta lapurtzen duenik, ez da pipirik zura hala desegiten eta zuhirintzen duenik, ez da zedenik urdaia hala mingosten eta jaten duenik, ez da zerrenik oihala hala eta hain gisa gaizki bilakatzen duenik eta ez harrik haragia hala galtzen eta gastatzen duenik, nola kontzientzia gaiztoak egiten baitu bere burua. Harra da kontzientzian barrena dagoen bekatua, eta harrak bezala, gau eta egun, ausikitzen du, jaten du, larrutzen du. Eta hain da gose, ezen ez baita behin ere asetzen eta ez ausikitzetik eta bere faltak gogora ekartzetik gelditzen. Errege Dabidek, besteren emaztearekin huts egin zuenean, anitz saio eta itzulinguru egin zuen huts hura estali nahiz. Eta ez, ez, zeren inoren beldur zen, errege zenez gero, baina zeren ez baitzuen bere kontzientziak sosegatzen uzten. Kontzientziak ez aita santuri, ez enperadoreri, ez erregeri eta ez munduan den beste pertsonari ez diezaioke barka. Eta hau guztiau egiten du gure probetxuagatik, bekatutan lokar ez gaitezen. Geure aita propioak baino maiteago gaitu geure kontzientziak. Aita batek bere semea behin, bitan, hirutan edo hamarretan mehatxatu duenean, ikusten badu ez dela zentzatzen eta ez emendatzen, uzten du, etsitzen du. Baina ez kontzientziak: ez du behin ere uzten eta ez etsitzen (ikus Krisostomo, 4. serm., De Lazaro). Gerla handia egiten digu geure kontzientziak, eta gerla honek apur bat ere gibelatzen gaitu bekatu egitetik. Bestela, egin zukeen gureak. Hala esaten du san Krisostomok (ubi supra: 4. serm., De Lazaro, 5): –Conscientiae increpatio, sacra est anchora non sinens, nos tandem in peccatorum demergi profundum. Kontzientziaren erantzukia eta mehatxua aingura da, eta aingura ere santua eta sakratua, bekatuen hondarrean erortzetik eta han itotzetik begiratzen gaituena. 3 Ordea, diferentzia handia da kontzientzien artean; anitz doa batetik bestera. Kontzientzia batzuk dira erne, sentikor, minbera, hertsi, eta, berriz, beste batzuk loti, hil, lazo, zabal eta antsikabe. Zapata bat duzunean neurri, justu, doi, ezin paira dezakezu barrenean den legarrik ttipiena; baina zapata baketazko handi-zabalak ez dira hain arriskutsu, haiek badute leku franko oina gutxi minberaturik, ez legarra, baina harrixkak ere edukitzeko. Bada, diferentzia hau berau da kontzientzia onaren eta gaiztoaren artean ere. Kontzientzia onak, justuak, ezin paira dezake bekatu benial bat ere, baina gaiztoak, laxoak ez du mortalez ere konturik egiten. –Multi per nimias iniquitates non sentiunt peccati conscientiam (Anbrosio, De Paradiso, 15. k., 75). Anitzek ere, bekatu egin hutsen boterez, ez dute bere kontzientziako bekatua sentitzen. Eta hau da Espiritu Santuak ere dioena (Es 18:3): –Impius cum in profundum malorum venerit contemnit. Gaiztoak, bekatuen osinean barrena sartuz gero, galtzen du sentimendua, ez du antsiarik. –Piae mentis est, vulnus sentire peccati. Nam qui expertes doloris sunt, non sentiunt vulneris acerbitatem, quod est immedicabilis aegritudinis (Anbrosio, Apologia Prophetae David, 9. k., 47). Seinale ona da bekatuaren zauria sentitzea, eta gaiztoa, ez sentitzea. Zeren sentimendua galduz gero, oinazeak hilez gero, ez da sendagai, ez da sendakizun eta ez medikuntzatan ibiltzeaz probetxurik. Hau da mundu honetan bekatoreak ahal dukeen miseriarik handiena, egoerarik arriskutsuena eta egoitzarik gaiztoena: bekatua ez sentitzea. Halakoak kontzientziaren sainga gutxi aditzen du, lo gutxi hargatik galtzen du. Ordea, ez da, ez, hura ere alde guztiz narrio gabe; den gaiztoenari ere, noizik behin bederen, alhatzen zaio bere kontzientzia. Zeren san Krisostomok dioen bezala (Psalm. 142): –Neque enim in eius potestate situm est remittere. Nahiago badu ere, ezin barka dezake kontzientziak. Hala ematen du aditzera san Anbrosiok ere (De poenitentia, 5. k.): –Conscientia cum non habet loquendi usum, nescit tamen tenere silentium. Kontzientziak, mintzatzen ohitua ez delarik, ez daki alabaina isilik ere egoten. Zeren kanpoan mintzatzen ez bada ere, bai ordea mintzatzen da barrenean. Kontzientzia da behin ere lokartzen ez den zerbitzari bat, marrantatzen edo erlasten ez den predikari bat eta betiere ontasunera ahal bezainbat eramaten gaituen gidari bat. Eta ez zaigu puntu batez ere aldaratzen: beti darraigu, gorputzari itzala darraion bezala. Eta ez dago, ez, alferrik ere: alha zaigu, saingaz eta erantzutez dagokigu. Bekatua egin baino lehen, egitean eta eginez gero ere, erasten du, abisatzen du, akusatzen du. Eta, guztiz ere, bekatu egin ondoan jaikitzen da, orduan atzartzen da, orduan dira zinak eta minak, orduan dira ezproi-kolperik handienak. Zeren san Krisostomok dioen bezala (64. hom., Genes. 42): –Sicut ebrius cum multum vini ingurgitat, nullum sentit a vino damnum; postea autem sentit; ita et peccatum, donec consummatur, obtenebrat mentem, et quasi densa nubes ita mentem corrumpit. Deinde conscientia insurgit, et quovis accusatore mentem gravius arrodit, monstrans absurditatem peccati. Nola hordiak ardoa irensten duenean ez baitu sentitzen handik heldu zaion kaltea –zeren gozotasun hark, edatean hartzen duen atseginak itsutzen baitio adimena; ordea gero, hordia joan zaionean, ezagutzen baitu bere falta eta desohorea–, hala bekatoreak ere, bekatua egiten duenean, ez du sentitzen eta ez ikusten handik heldu zaion kaltea, zeren hartako atseginak eta plazerak liluratzen baitu, hain liluratzen ezen ez baita orduan gaitzez oroitzen. Baina gero, iragan denean bekatua, jaikitzen da kontzientzia, eta hain zinez akusatzen eta liskar egiten hasten da, non iragan diren plazer guztiez ahantzirik ipintzen baitu bekatorea. 4 Esaten du san Agustinek (ikus Enarrationes in Psalm., 33 & 100) emakume gaiztoak, itaxurak eta keak ateratzen duten bezala gizona bere etxetik, ateratzen duela kontzientzia gaiztoak ere bekatorea bere sosegutik. Emakume gaiztoa, itaxura eta kea diren lekuan ez da plazerik, ez eta kontzientzia gaiztoa duena baitan ere ontasunik. Bekatorea sartzen bada bere kontzientzian barrena, berehala hango keak ateratzen du kanpora, azpiratzen du tristurak. Kanpoan etsaiak, arriskuak eta asalduak dituenak laster egiten du etxera, pausatzera eta bere burua segurtatzera; ordea, etxean ere etsaiak, atsekabeak, itaxura, kea eta emakume gaiztoa dituenak, zer egingo du? Non pausatuko da? Zer kontsolamendu izango du? Kanpoan etsaiak, etxean gerla: non aurkituko du bakea? Non? Bere barreneko ganbaran, bere kontzientzian: han behar du pausatu, han behar du kontsolatu eta bere burua arindu eta alegeratu. Ordea, baldin bere barreneko ganbara hartan ere, bere kontzientzian ere edireten badu etsaia, bekatuaren itaxura, kea eta erantzukia, zer egingo du orduan? Norako da? Sartuagatik bere barreneko ganbaran, bere kontzientzian, ez dezake pausurik aurki, zeren han berean batzen baitzaio bere etsaia. Eta etsairik gaiztoena etxe barrenekoa da. –Hostem suum invenit, quo confugerat (Agustin, Enarratio in Psalm., 45, 3). Etsaiaren ihesi dabilela, egiten du etsaiarekin topo. Beraz, bazter gehienetatik hartua da halakoa, alde guztietatik harrapatua da, zeren bere burua ere etsai baitu, eta berak beregandik ezin egin baitezake ihesik. Arrazoirekin esaten du san Agustinek (191. senten., De mala conscientia): –Nullae poenae graviores quam malae conscientiae, in qua cum Deus non habetur, consolatio non invenitur. Ez da kontzientzia gaiztoaren egitekoak eta penak baino pena handiagorik. Zeren nola ez baita Jainkoa han egoten, ez da ezta kontsolamendurik ere edireten. Eri den pertsonak, barrenean min duenak egin dezake denbora apur batez kanpoan eta jendartean alegera irudi. Ordea, gutxi hala iraun; berehala bere barreneko gaitzak gogoetan ipintzen du, tristatzen du. Hala tristatzen du, bada, bekatutan dagoena ere bere kontzientziak, bere barreneko eritasunak: –Vides convivium peccatoris, interroga eius conscientiam. Nonne gravius omnibus foetet sepulchris? (Anbrosio, De officiis ministrorum, I, 12. k.). Ikusten duzu bekatutan dagoenaren gonbita, jan-edana, bonbazia eta bankezia, baitirudi ezen han dela paradisua, ez dela zer gehiago desira. Ordea, baldin galdegiten badiozu ea nola dihoakion bere barren hartan, bere kontzientzian, esango dizu gaizki dela, nardagarri dela, hilobi kiratsak baino kiratsago dela. –Impii quasi mare fervent, quod quiescere non potest (Is 57:20). Gaiztoak itsas irakina bezala dira: ez dute bakerik eta ez sosegurik; haien olek, uhinek, bagek eta tormentek, hainbat badira, ezen gainez egiten baitute. Eta badio Salomonek ere (Si 33:5): –Praecordia fatui quasi rota carri. Gaiztoaren kontzientzia eta barrenaldeak orgaren edo gurdiaren gurpila bezala dira. Gurdi kargatuak badarasa, badirudi bere karga handia ezin jasanez arranguratzen dela. Hala arranguratzen da, bada, bekatorearen kontzientzia ere bere bekatuen karga eta pisua ezin jasanez. Hark nekatzen du, hark zapatzen du, hark bere soinuaz, harrabotsaz eta erasteaz tristatzen eta penatzen du. Egun batez eraman zituen filosofo batek zapata batzuk bere etxera, prometaturik zapata-egileari denbora gutxiren barrenean ordainduko zizkiola. Eta abiatu zen bere hitzean eta epean ordainketa egitera. Baina entzunik ezen hil zela diruak behar zituen zapatagina, bihurtu zen alegerarik bere diruekin etxera, iruditurik ezen hainbestez kito zela. Eta eduki zituen zenbait denboraz diruak berarekin. Ordea, bitarte hartan hain jaten eta erretzen zuen bere baitan barrena bere kontzientziak, ezen, ezin pairatuz, joan baitzen bere diruak harturik zapataginaren etxera eta han egotzi zituen, esaten zuela, zapataginarekin berarekin mintzo izan balitz bezala (Seneka, De beneficiis, VII, 21. k.): –Ille tibi vivit, redde quod debes. Beste guztientzat hil bahaiz ere, oraino bizi haiz enetzat. Totzik, bada, har itzak heure zapaten diruak, eta uztak niri bakea. Deskargua egin arte ez zuen utzi bere kontzientziak sosegatzen; anarteraino beti eman zion garri eta narrio. Ez da egungo egunean mundua honen sentikor eta ez kontzientziatsu. 5 Gaiztoa, beste etsairik gabe, bere kontzientziak berak, bere baitan barrena, zigortzen du, ausikitzen du, zauritzen du, larrutzen eta penatzen du. Iragan denean bekatuaren plazera, han da berehala kontzientziaren atsekabea. Bekatua zauri hatz-egilea bezala da. Hatz egitean, atsegin hartzen duzu. Ordea, hatz gordin eginik, gelditzen zaizu ondotik erresumina. Hala gelditzen da, bada, bekatuaren plazera iragan denean ere kontzientziaren mina eta oinazea. Sukar handiarekin zaudenean ere, atsegin hartzen duzu ur hotza edateaz; ordea, gero, edan ondoan, gaitza berreturik, izaten duzu atsegin haren atsekabea. Hau da fruitu ondu gabeen ondorea, hozkia, higuintza. Kartzelan dagoenari emaiozu nahi duen bezainbat jatera eta edatera. Egiozu ahal dagizun festa guztia, baina ez da hargatik osoki alaitzen, zeren ez baitaki zeri dagokion. Alaikiago bizi da atez ate dabilen erromesa. Zeren san Krisostomok dioen bezala (12. hom., Rom. 7): –Supplicii expectatio non sinit praesentium voluptatum sensum capere. Kartzelan dagoenari ez dio uzten geroko gaztiguaren beldurrak atsegin hartzen eta ez eskuen artean dituen plazer apurrak gozatzen. Urkabera kondenaturik dagoena aitzinetik penatzen da; urkabeaz oroitzen den guztiaz urkatzen bezala da. Hala da, bada, kontzientzia gaiztoa duena ere. Halakoa, noiz eta hasten baita bere gogarenik bere lagunekin atsegin hartzen, orduan berean oroitzen da bere bekatuez, orduan berean alhatzen zaio bere kontzientzia, halako suertez ezen ez baita posible bekatutan dagoenak, hala dagoeno, atsegintasun osorik ahal dukeen. Halakoak, arriskurik ez duenean ere, uste du arrisku duela. Eta hala ikusiko duzu anitzetan ere, ohoinak edo gizon hiltzaileak sentitzen duenean justizia, berehala bera bere buruz, inor oroitzen ez dela, bere kontzientziak akusaturik, ihesi itzalgaizka abiatzen dela; eta, handik nabarmendurik, gaizki ere heltzen dela. Gaiztoak uste du ezen, hartaz oroitzen ez direnean ere, hartaz mintzo direla. Gaiztoa beti da gibelbeldurti eta goganbehartsu. Gau ilunean bakarrik doana, deusen arriskurik ez izanagatik ere, latz da, beldur da, izu eta ikara da. Hala da, bada, gaiztoa ere, deusen arriskurik ez izanagatik ere, bere kontzientziak akusaturik, latz, izu, ikara eta beldur. Urdeak, beste abereek egiten ez dutena, oraino minik hartu gabe, ukitzeaz beraz egiten du marraska. Zeren, nola ez baitu deus ere on den gauzarik bere urdaia baizik –ez ilerik, ez lumarik, ez larrurik eta ez beste gauzarik–, bere izanez eta naturaz da beldur, hartzen dutenean, bizia kentzeko hartzen duten. Hala, bada, kontzientzia gaiztoa duena ere, lehenbiziko aldi gaitzean, den buruko minik ttipienean da beldur hil dadin, bizia edeki diezaioten, zeren ez baitu deus ere deus balio duen gauzarik bere bizia baizik, eta hura galduz gero, penatu behar baitu. 6 Esaten du Job gizon santu hark (Jb 15:21): –Sonitus terroris semper in auribus eius, et cum pax sit, ille insidias suspicatur. Gaiztoari beti dagokio bere belarrietan beldurraren soinua, kontzientziaren laztasuna eta asaldua; eta bakean denean ere, uste du gerlan dela, eta orduan ere, harrapatu nahiz, zelatan dagozkiola. Hau da, are mundu honetan ere, beste mundukoaz gainera, gaiztoaren gaztigua: beldurra, segurantzarik gabe, izu ibiltzea. Gaztigu honetaz mehatxatu zituen gure Jainkoak bere aginduen hausleak, esaten ziela (Lb 26:14&17): –Quod si non audieritis me, nec feceritis omnia mandata mea, fugietis nemine persequente. Baldin entzuten ez banauzue eta ene agindu guztiak konplitzen ez badituzue, jakizue ezen inoren arrisku gabe eta inor jarraiki gabe emango diozuela ihesari, eta ikara handi bat egingo zaizuela. Hala egin zitzaion ikara handia Kaini bere anaia Abel hil zuenean. Abiatu zen Kain mundutik ihesi, esaten zuela (Has 4:14): –Omnis igitur qui invenerit me occidet me. Egin du eneak, ez da ihes egiterik; aurki nazan guztiak hilko nau. –Zer diozu, Kain? Noren zara beldur? Nork hilko zaitu? Ez Adanek, ez Ebak. Zeren horiek zure aita-amak dira, eta oraino ez da munduan besterik. Noren zara, bada, beldur? Ez inoren besteren: zeure buruaren, zeure kontzientziaren. Zeren kontzientzia bera, beste etsairik gabe, da aski beldur handiarekin ibilarazteko. Adanek bekatu egin zuenean eta sentitu Jainkoak deitu nahi zuela, ihes egin zuen, gorde zen. –Eta zergatik gorde zen? Ote zekien zer nahi zion Jainkoak? –Bai, bazekien –dio san Krisostomok (17. hom., Genes. 3, 2. k.). –Eta nondik zekien? –Bere kontzientziak esanik: Neque alium obiurgatorem habebat, et testem peccatorum. Ez zuen beste lekukorik eta ez akusatzailerik, bere kontzientzia baizik; baina hura zuen aski. Eta halatan, berak bere buruz, bere falta ezaguturik eta hobendun zela nabarmendurik, estalgunea bilatu zuen. Hargatik esaten du san Isidorok (Synonyma de lamentatione, II, 61): –Numquam securus est reus animus, mens enim malae conscientiae propriis agitatur stimulis. Pertsona hobenduna, faltaduna, ez da behin ere seguru, zeren bere kontzientziaren ezproiak betiere kolpeka ari baitzaizkio. Puntu honen gainean esaten du san Anbrosiok (Enarratio in Daniel 13, 2. serm. ): –Domini autem traditorem non invenio a iudice esse damnatum. Non enim damnat eum Pilatus, non damnat populus, sed quod gravius est, seipsum condemnat. Ez dut edireten ezen Judas, Jaunaren saltzailea, inork kondenatu zuela: ez Pilatosek, ez herriak eta ez bestek; baina, gaiztoago baita, edireten dut berak bere burua kondenatu zuela. Zeren sententzia guztien gaineko sententzia, guztiak txitzen eta iragaten dituena, batbederak bere buruari, bere kontzientziak garaiturik, ematen diona da. Eta honetan da ageri ez dela ardura inork bestek ez jakinagatik ere zure falta eta bekatua, baldin zerorrek badakizu. Kontzientzia bera da lekukorik aski. Ez da harentzat golkorik, zokorik eta ez estalgunerik. Zeren Senekak dioen bezala (Epist. ad Lucilium, 43, 4-5): –Quid prodest recondere se et oculos hominum auresque vitare? Bona conscientia turbam advocat, mala autem in solitudine anxia est atque sollicita. Si honesta sunt quae facis, omnes sciant, si autem turpia, quid prodest neminem scire cum tu scias? Zer probetxu da gordetzea eta jendeen begietatik eta belarrietatik ihes egitea? Kontzientzia onak agerrian eta jendartean ibili nahi du; fida da han ere. Baina gaiztoak ez du inon ere segurantzarik edireten: ez etxean, ez kanpoan, ez bakarrik dagoenean eta ez are konpainiatan denean ere. Zure obrak onak eta prestuak badira, jakin bitzate guztiek, baina baldin gaiztoak, desohorezkoak eta desohoragarriak badira, zer probetxu da besteek ez jakitea, baldin zerorrek badakizkizu? Zerori zara, zure kontzientzia da lekukorik seguruena; beste guztiek huts eginagatik, hark ez dezake huts egin, hark on edukiko du, hark akusatuko du. Hargatik esaten du halaber Senekak (Dicitur de moribus, 59 & 64): –Nullum conscium peccatorum tuorum magis tenueris, quam te ipsum; alium enim potest effugere, te autem numquam […] Nequitia enim ipsa est sui poena. Ez zaitezela izan zure bekatuak dakizkitenen, baten ere, hain beldur nola zeure buruaren; zeren besteetatik egin dezakezu ihes, eskapa zaitezke, baina ez zeuregandik. Zeren bekatua bera da bere buruarentzat pena eta gaztigu. Job gizon santu hari gertatu zitzaizkion kalte, galtze eta fortuna gaizto guztietan, eskapatzen zen betiere bat, abisatzeko eta berria ekartzeko (Jb 1:16): –Ego evasi solus, ut nuntiarem tibi. Hala eskapatzen da, bada, bekatorea baitan ere kontzientzia eta kontzientziaren mandataria eta erantzutea: berri ekartzeko, abisatzeko eta esateko zenbat kalte etorri zaion eta zenbat ontasun galdu duen bekatua egiteaz. 7 Kontzientziak anitz ofizio du: bera da alkate, bera da lekuko, bera da akusatzaile eta defendatzaile. Eta hain da fin eta egiati, ezen berak mila lekuko balio baititu: Conscientia mille testes (Kintiliano, Institutio Oratoria, V, 11. k., 41). Hain da artez, justu eta leial, non mundu guztiak ez baitezake irabaz, ez hiro eta ez beste aldera itzul. Ez da dirurik eta faborerik, ez da lausengurik eta ez mehatxurik, ez da arartekorik eta ez adiskiderik kontzientzia bere egiatik makur dezakeenik. Puntu honen gainean, beti bezala, ederki esaten du san Krisostomo urrezko mihi hark (4. hom., De Lazaro): –Externi iudices, et pecuniis corrumpuntur, et assentationibus deliniuntur, et metu simulant. At conscientiae tribunal nulli hominum novit cedere; sed, quamvis dederis pecunias, quamvis mineris, quamvis aliud quodvis feceris, iustam ferret sententiam, adversus peccatoris cogitationes, adeo ut ipse quoque qui peccatum admisit, seipsum condemnet, quamvis nullus alius condemnet. Munduko gorteak, audientziak eta justiziak nahasten dira, lekukoek ukatzen dute, notarioa irabazten da, alkatea diruz itsutzen da, lausenguz eta faborez gobernatzen da; eta handik, anitzetan ere, barrenean zarela uste duzunean, kanpoan edireten zara, irabazi ustea galtzen duzu. Baina kontzientziaren gortean eta audientzian ez da halako bidegaberik egiten. Aitzitik, beste guztiek faltatuagatik, errudunak berak, kontzientziak berak akusatzen du bere burua, eta bai kondenatzen ere. Kanpoan egin daitezke egiaren kontrako saioak eta frogantza faltsuak; falta duenak ere uka dezake eta esan ez duela faltarik. Baina hargatik, barren hartan, betiere kontzientzia bere egian egongo da. Mintzo direnek egin dezakete huts, baina ez kontzientziak. Hari galdegiozu, harekin mintza zaitez, eta hark nor zaren esango dizu; han, ispiluan bezala, zeure burua ikusiko duzu. Egiteko batek hartzen zaituenean, han da berehala kontzientzia, eta egundaino egin dituzun falta guztiez oroitzen zaitu, guztiak gogora ekartzen dizkizu. Eta are, esaten dizu, zenbait zeure bekatugatik, honelako eta halakogatik haiek guztiak etorri zaizkizula. Hala, Joseren anaiek, Egiptora zirenean eta han egitekotan jarri zirenean, bere bekatuaz, hogei urte zuela egin zutenaz oroiturik, esan zioten elkarri (Has 42:21): –Merito haec patimur, quia peccavimus in fratrem nostrum, videntes angustias animae illius dum deprecaretur nos, et non audivimus, idcirco venit super nos ista tribulatio. Mereziturik ditugu egiteko hauek guztiok; justu da gehiago ere paira dezagun, zeren bekatu handia eginik, geure anaia saldurik baikaude. Gogorki jokatu genuen harekiko, anitz otoitz eder egin zigun, anitz negar-punpuila isuri zuen, aski baitziratekeen den bihotzik gogorrena ere hausteko eta beratzeko; baina gureak ez ziren higitu ere, ez ginen errukitu, ez genuen entzun. Hargatik gabiltza, bada, orain geu ere asaldatuak, akusatuak eta atsekabetuak. Honela esaten zioten elkarri; honela akusatzen zituen bere kontzientziak. Eta guztiz ere Ruben, bere anaietatik batek egiten zien erantzuki handi, esaten ziela (Has 42:22): –Numquid non dixi vobis, nolite peccare in puerum, et non audistis me, en sanguis eius exquiritur. Ez nizuen nik orduan ere esan begira zenutela, ez zenegitela halako bekaturik anaia haurraren kontra? Ez zenezatela sal? Baina ez ninduzuen entzun nahi izan; hona non duzuen, bada, zuek ere orain zeuen merezia, zeuen ordain-pagua. Bekatu hura dela kausa, haren kariaz zarete, eta gara, egitekotan, hura heldu zaigu geure gainera. Okasioa azaldu zen bezain azkar jaiki zitzaien bere kontzientzia; ez zuen faltatu, akusatu zituen. Eta are, san Krisostomok dioen bezala (4. hom., De Lazaro): –Ipsorum conscientia per oblatam occasionem insurrexit, momorditque illorum animos, efficiens ut nemine compellente, confiterentur sua facinora. Inork ere bortxatu gabe, berek bere borondatez agertu zuten eta aitortu hainbat denboraz estalirik eduki zuten gaiztakeria. Hau da kontzientziaren kargua eta ofizioa: besteen ahantz orduetan oroitzen du, denboraren buruan penatzen du, min eta oinaze ematen du. Eta lehiatzen zaigu, lehen baino lehen, geroko luzapenetan ibili gabe, bide on batean jar gaitezen. Eta, are, esaten digu ez gaituela anarteraino sosegatzera utziko; eta hala, ez gaitu uzten ere. Beraz, honelatan, kontzientziak berak egiten dizkigun erantzukiengatik, eta etxean barrena bekatuaren kerik, itaxurik eta liskarrik ez izateagatik ere, behar dugu egun beretik, geroko begira egon gabe, geure kontzientziatik zer ere nota, falta eta narrio baitugu kentzen saiatu; eta halatan, bakean eta soseguan egon, jarri eta pausatu. XLVI NOLA GEROTIK GERORA GABILTZAN BITARTEAN GALTZEN DUGUN KONTZIENTZIA ONAREN BAKEA ETA SOSEGUA Gauza segurua da, argia eta esperientziaz ere frogatua kontzientzia gaiztoaren ausikiak ausiki minak, liskarrak liskar garratzak eta kolpeak ere kolpe bortitzak direla, eta halako kontzientzia duenak, hala dueno, atsegintasun osorik ez dukeela. Baina gauza argia eta frogatua da, halaber, kontzientzia onaren bakea eta sosegua gauza gozoa eta atsegina dela, eta nola mundu honetako infernua baita kontzientzia gaiztoa, hala dela halaber mundu honetako paradisua kontzientzia ona. –Ad spirituale gaudium hodierna die, fratres charissimi, intendo vos invitare. Quod quidem gaudium non operatur divitiarum copia, non fallax mundi gloria, non prolis fecunditas, non corporis sanitas, sed tantum conscientiae puritas. Plazer espiritualera, arimako alaitasunera gonbidatu nahi zaituztet egungo egunean, neure anaia maiteak –dio san Agustinek (Ad fratres in eremo, 10. serm. : De puritate conscientiae)–. Eta alaitasun hau ez du ez egiten eta ez ematen aberastasunak, ez munduko ohoreak, ez seme-alabadun izateak eta ez gorputzeko osasunak ere. Zerk egiten du bada? Kontzientziaren garbitasunak, bekaturik gabe egoteak. Hark ekartzen du egiazko alaitasuna, hark oinaze guztietatik sendatzen du arima eta hark kanpora ere ateratzen du barren hartako harra eta tristura. Zeren san Anbrosiok dioen bezala (Commentaria in Epist. ad Corinth. 2, 1. k., 21-22): –Sicut in opere malo est tristitia, ita et in emendatione gaudium. Nola obra gaiztoan edireten baita tristura eta malenkonia, hala onean, onera emanean eta emendatzean edireten da alaitasuna eta bozkarioa. –Vis numquam esse tristis? Bene vive, secura mens tristitiam leviter sustinet, bona vita gaudium semper habet (Isidoro, Synonyma de lamentatione, II, 61). Nahi duzu ez behin ere izan triste? Izan zaitez prestu, euzu kontzientzia ona. Kontzientzia onak arinki jasaten du, deus gutxi sentitzen du kanpotik heldu zaion tristura; bizitza onak beti du berarekin arraitasuna, irri-nahia eta atsegintasuna. Hargatik esaten zuen jondoni Paulok ez zebilela behin ere triste, triste bezala bai, baina beti alegera (2Ko 6:10): –Quasi tristes, semper autem gaudentes. Jondoni Paulok anitz trabailu eta atsekabe izaten zuen, zeinek tristatzeko okasio ematen baitzioten, baina kontzientzia onaren alaitasunak eta arraitasunak, eguzkiak lainoa bezala, haizatzen eta barreiatzen zizkion haiek guztiak. 1 Gaiztoak gezurrez dira alai, eta egiaz triste; eta onak, beste aldera, egiaz alai eta gezurrez triste. Propioki, eta egiaz mintzatzera, onek dute alaitasunaren izena eta izana, eta gaiztoek izena eta ez izana. Zure atsegin eta plazer guztiak mintzeko eta gozakaizteko aski da kontzientzia gaiztoa, eta bai atsekabeak eta desplazerak gozatzeko eta zaporatzeko ere kontzientzia ona: –Namque si ibi vulnus non sit, sanumque sit illud quod conscientia vocatur, ubicumque alibi passus fuerit tribulationes, illuc confugiet, et ibi inveniet Deum –dio san Agustinek (Enarratio in Psalm., 45, 3)–. Gizonak tristatua, atsekabetua eta egitekoz betea dabilenean, baldin bere barren hartan zauririk ez badu, bere kontzientzia sendo badu, hara laster egiten du, han Jainkoa edireten du eta han harekin batean bere burua kontsolatzen du. Zurginak zura lantzen eta apaintzen duenean, aurkituagatik gainaldea, azalari datxekiona, arrazatua eta pipiatua, ez du hargatik kezkarik, baldin bihotza, barrenaldea on eta fin aurkitzen badio. Gizonaren azala eta gainaldea gorputza da; barrena eta mamia da kontzientzia. Eta hura on bada, ez da gainerakoaz ardurarik eta ez zer kontu eginik, zeren barren hura baita garrantzizkoena. Honen arauaz esaten du san Anbrosiok (De officiis ministrorum, I, 12. k., 44): –Et ideo non secundum forensem abundantiam aestimandam esse beatitudinem singulorum, sed secundum interiorem conscientiam. Ez da, ez, esan behar inor dela bere gogara kanpoko bere gogarengatik, aberastasunengatik, jan-edanengatik eta ez beste frankiengatik; baina orduan esan behar da batbedera dela ongi eta bere gogara, eta atseginak eta plazerak ere direla osoak eta konplituak, noiz eta barrenaldea, kontzientzia baita ongi, sendo, garbi eta narrio gabe. –Non contristabit iustum quidquid ei acciderit, impii autem implebuntur iniquitate –dio Espiritu Santuak (Es 12:21)–. Zer nahi den gerta dakiola, ez dezake deusek ere justua trista, baina gaiztoak beteko dira gaiztakeriaz eta egitekoz. Honen arauaz esaten du Elizak ere (Leon I, Sacramenta Romanae Ecclesiae: 29, In natale episcoporum, 16): –Nulla nocebit ei adversitas, si nulla dominetur ei iniquitas. Ez dio batere gerta dakion egitekok kalterik egingo batere bekaturik ez duenari. Zeure bekatuek eta apetitu desordenatuek egiten dizute gerla eta kalte, haiek tristatzen zaituzte. Ken itzazu haiek eta izango zara alegera, ken itzazu haiek eta biziko zara bakez eta zeure gogara. Hala esaten du errege Dabidek (Sal 118:165): –Pax multa diligentibus legem tuam. Bake handia du kontzientzia onak, Jainkoaren lege santuari darraionak. Eta badio san Anbrosiok ere (Epistolarum classis I, 63. ep., 85): –Quid est iuste vivere, nisi cum tranquillitate vivere? Zer da justuki bizitzea, bakean eta soseguan bizitzea baizik? Esan nahi du kontzientzia ona izatea eta bakean eta soseguan egotea, guztia dela bat. Zeren justuak kanpoan gerlak eta egitekoak izanagatik, barrenean beti du bakea; berarekin du halakoak mundu honetan erdiets daitekeen loria eta atsegintasuna. Halakoak ez du kezkarik munduko esan-mesanengatik. Falso testimonio bat, aurkako bat erauzten diotenean, eta batek eta besteak ahotan gaiztoki darabiltela ikusten duenean, laster egiten du bere kontzientziara eta, nola ez baitu han dioten faltarik aurkitzen, hartaz kontsolatzen da, hartaz adoretzen eta berotzen da. Arrazoirekin esaten du san Anbrosiok (De officiis ministrorum, I, 5. k., 18): –Bene sibi conscius, falsis non debet moveri, nec aestimare plus ponderis esse in alieno convitio, quam in suo testimonio. Faltarik ez duela dakien pertsonak ez du besteren gaizki esateaz kasurik egin behar, eta ez pentsatu ere besteren gezurrak indar gehiago duela beraren egiak baino. Honen arabera esaten du san Gregoriok ere (Epistolae, XI, 45. ep., Ad Theoctistam patriciam): –In omne quod agimus, vel extra de nobis agitur, recurrere ad mentis arcana debemus. Et si omnes vituperent, liber tamen est quem conscientia non accusat. Quia si omnes laudent, liber esse non potest, si hunc conscientia accusat. Egiten ditugun gauza guztietan edo gutaz egiten eta esaten direnetan kontzientziaren barreneko sekretura egin behar dugu laster, eta hartaz, haren lekukotasunaz, hark barren hartan dioenaz egin kontu, eta ez jendearen erasteaz eta ongi edo gaizki mintzatzeaz. Zeren san Agustinek dioen bezala (Contra Litteras Petiliani, III, 7. k.): –Nec malam conscientiam sanat praeconium laudantis, nec bonam vulnerat conviciantis opprobrium. Kontzientzia gaiztoa eta eria ez du ontzen eta ez sendatzen inoren laudorioak, eta ez ona eta sendoa ere gaiztotzen eta ez eritzen gaizki esateak. Hargatik, batbedera dena izango da. 2 –Bai, ordea, damu hartzen dut jendeek ene baitan ez dena esateaz eta bai batzuetan dena ere agertzeaz eta banatzeaz. Sinesten dut damu hartzen duzula, baina pazientzia behar duzu. Zeren besteren mihiak ezin eduki ditzakezu, haiek ez daude zure eskuan. Utz itzazu haiek, gaiztoak baitira, eta jende onen eta prestuen esanaz eta zeure kontzientziaz egizu kontu. Zeren san Bernardok dioen bezala (In Cantica Canticorum, 24. serm., 2): –Omnino sufficit adversus os loquentium iniqua, opinio bonorum cum testimonio conscientiae. Aski da mihi gaiztoen kontrako, jende onen artean fama onean egotea, kontzientzia onaren lekukotasunarekin. Deusek ere ez du hala sendatzen eta ez arintzen jende gaiztoek gutaz gaizki esaten dutela entzuteaz hartzen dugun damua, nola egiten baitu ikusteak eta jakiteak ez dugula hobenik eta jende prestuek eta ohoratuek ere ez dutela uste eta ez sinesten gutaz halakorik. Baldin jende prestuek esaten badute zutaz ongi, eta kontzientziak ez akusatzen, egizu loa laxo, ez dezazula kezkarik izan txarrek edo galduek gaizki esanagatik. Aitzitik, atsegin hartzeko duzu, zeren hartan da ageri ez zarela haiek bezala. Egia hau erdietsi zuen ongi Antistenes filosofoak. Zeren hark entzun zuenean ezen jende gaizto batzuk haren laudorioz zeudela, esan zuen tristura handi batekin (Laertzio, VI, 2. k.): –A, Jainkoak! Zer egin ote dut nik? Zertan faltatu ote dut? Beldur naiz zerbaitetan huts egin dudan eta lehendanik gaiztotu naizen. Zeren jende gaizto batzuek, lehen nitaz gaizki esaten zutenek esaten omen dute orain ongi, zein baita seinale gaiztoa. Zeren halakoek ez ohi dute esan ongirik gaiztoez eta gaiztakeriez baizik. Honela mintzatu zen filosofo hura gaiztoen kondizioa ezaguturik. Beude, beraz, haiek, diren bezalakorik; ez haietara bururik itzul, ez haiei beha, ez haietaz konturik egin. Zeure kontzientziarekin eukazu; harekin kontseila eta kontsola zaitez. Hala egiten zuen jondoni Paulok, esaten zuenean (2Ko 1:12): –Gloria nostra haec est, testimonium conscientiae nostrae. Hau da mundu honetako gure loria eta paradisua: kontzientziaren akusaziorik gabe egotea, barren hartan faltarik ez aurkitzea. Esan balu bezala: –Batzuen loria eta pozbidea da aberats izatea, errenta handiak erdiestea, handiekin segitzea, jokoan, jan-edanean, emakumetan eta munduko beste plazeretan denbora iragatea; baina ez gurea –dio jondoni Paulok–: guk ez dugu hauetaz konturik egiten, barrenekoaz, kontzientziakoaz kontentatzen gara. Honen arauaz esaten du san Anbrosiok ere (De Abraham, II, 8. k., 47): –Propositum piae mentis mercedem non expetit, sed pro mercede habet boni facti conscientiam et iusti operis effectum. Kontzientzia ona, bere ongi eginaz, bere baitan barrena edireten duen ordainaz kontentatzen da. Hura deritza aski; ez du besterik bilatzen eta ez desiratzen. Zeren san Anbrosio berak dioen bezala (Enarratio in Psalm., 35, 9): –Quis enim puritate et simplicitate pectoris dulcior fructus? Quis cibus suavior quam is, quem animus bene sibi conscius, et mens innocentis epulatur? Zer fruitu da kontzientzia onaren garbitasuna eta sinpletasuna baino eztiagorik? Zer janari, deusetan ez duela faltarik dakienak jaten duena baino gozoagorik? –Nihil simplici corde felicius: quia qui innocentiam erga alios exhibet, nihil est quod pati ab aliis formidet, habet enim quasi arcem firmissimam simplicitatem suam, nec suspectus est pati, quod se fecisse non meminit. Ez da kontzientzia sinplea, laua eta malezia gabea baino gauza dohatsuagorik –dio san Gregoriok (Moralia, XII, 39. k., 44)–. Malezia gabe, sinpleki, gogoan gaitzik ez daukala dabilena ez da deusen beldur; iruditzen zaio halakoari ezen bere sinpletasuna eta intentzio ona duela gaztelurik eta dorrerik aski; eta berak besteri egiten ez diona ez diezaiokeela berari ere bestek egin. At contra mens prava semper est in laboribus, quia aut molitur mala quae inferat, aut metuit ne haec sibi ab aliis inferantur. Kontzientzia gaiztoa, maleziatsua eta fede gaiztoz dabilena beti da nekez eta trabailuz, beti da goganbehartsu, irudikor, gibelbeldurti eta sosegugabe, zeren, nola bera baita gaizto, uste du ezen besteak ere hala direla; nola bera ari baita gaiztakeria pentsatzen eta egiten, beldur da berari ere hainbeste egin diezaioten, moneta berean ordain dezaten. 3 Galdegin zioten egun batez Bias filosofoari ea ote zenetz munduan deus deusen beldur ez zenik. Eta ihardetsi zuen baietz, eta hura zela kontzientzia ona. Kontzientzia onak ez du deusen beldurrik eta ez bere baitan ikararik. Halatan galdegin zien gure Salbatzaileak ere bere etsaiei, eskriba fariseuei, deusen beldur gabe, ausartzia handi batekin (Jn 8:46): –Quis ex vobis arguet me de peccato? Zeinek zuetatik egingo dit niri bekatuz erantzuki? Nork edirenen du ene baitan faltarik? Nork esango du nik badudala bekaturik? Galdez nagokizue. Deus badakizue, esazue. –Zer diozu, Jaungoikoa? Zer ari zara? Nolatan egiten diezu galde hori zeure etsaiei? Zutaz gaizki esateko okasio bila dabiltzanei? Nola ez zara beldur ahalkegabe dakizkizun, eta ez dena badela esan diezazuten? –Nola ez naizen beldur? Ez baitut deusetan ere faltarik; kontzientzia baitut ona eta garbia. Hark adoretzen, berotzen eta segurantza seguru batekin deusen beldur gabe ipintzen nau. Nahi duzu egon deusen beldur gabe? Izan zaitez prestu, euzu kontzientzia ona. Zeren kontzientzia onarekin, ez etsairen, ez ihurtzuriren, ez ozprinaren, ez uren, ez ezbeharren, ez fortunaren eta ez munduan den beste arriskuren ere ez zara beldur izango. Kontzientzia gaiztoak, arriskurik ez duenean ere, uste du arrisku duela, baina onak, arrisku duenean ere, bere burua seguru dauka, adore du, esperantza du orduan ere; beste guztiek etsiagatik, ez du berak etsitzen. Susana, Lege Zaharreko emakume prestu hura, bere senarraz besterekin izan zela faltsuki akusaturik harriz jokatzera zeramatenean, galdutzat zeukan mundu guztiak. Ordea, berak esperantza handia zuen Jainkoa baitan: Erat cor eius fiduciam habens in Domino (Dn 3:35). Zeren nola ez baitzuen hobenik, bere hobengabeak, bere kontzientziak berotzen, kontsolatzen eta esperantzan izaten zuen. Eta hala, mirakuluzki faltseria agerturik, eskapatu zen. –Si cor nostrum non reprehenderit nos, fiduciam habemus ad Dominum –dio jondoni Joanes ebanjelariak (1Jn 3:21)–. Baldin geure kontzientziak akusatzen ez bagaitu, esperantza dugu eta konfiantza Jainkoa baitan. Eta handik, jondoni Paulok ere Timoteo bere dizipuluari idatzi zion kartan ipini zuen esperantzaren lekuan kontzientzia ona, aditzera emateagatik kontzientzia ona izatea eta esperantza ere izatea, guztia dela bat. Ille enim sperat qui habet bonam conscientiam (Agustin, Enarratio II in Psalm., 31, 5), zeren kontzientzia ona duenak du esperantza ere. –Eta nola? Kontzientzia gaiztoa duenak ez ote du esperantzarik? –Bai, badu esperantza; ez, ordea, esperantza egiazkoa, ez esperantza bizia eta fina. Esperantza hutsala, alferra eta hila du halakoak. Zeren nola baitira bi fede-molde, bata bizia eta bestea hila, hala dira halaber bi esperantza. Bekatutan dagoenaren esperantza esperantza fauna, hila eta probetxu gutxikoa da. Kontzientzia gaiztoak hozten, ezdeusten eta eulitzen du gogoa, baina onak berotzen, azartzen, adoretzen, ausartzen eta esperantzan jartzen. Gizon bati zeure mende guztian etsaigoa eduki diozunean, eta gertatu zaizkion okasio guztietan ahal dagizun gaizki eta kontra guztia egin diozunean, zer esperantza ahal dukezu gero haren baitan, haren beharrean eta mendean zarenean? Arrazoiz, ez anitz. Eta inork esanagatik ere ez dela hargatik ardura, gizon ona dela, gomenda zakizkiola, behartu dezazula eta, zuk hari gaizki eginagatik, hark hartara gutxi behaturik, egingo dizula zuri ongi, ez duzu sinesten, zeren zeure kontzientziak gibelatzen baitzaitu, hark gogoa hozten eta hiltzen baitizu. Baina beste gizon bati betiere amodio eduki diozunean, eta okasio guztietan haren alde eta fabore agertu zarenean, baduzu esperantza zeuri ere hura, haren beharrean zarenean, helduko zaizula eta lagunduko dizula. Eta inork esanagatik ere ezetz, ez dizula lagunduko, ez duzu sinesten, zeren harengana daukazun amodioak eta egin dizkiozun zerbitzuek ematen baitizute adore eta esperantza. Bada, hau gertatzen zaio kontzientziari ere Jainkoarekin. Kontzientzia onak adore du, esperantza handi du, baina gaiztoak gutxi edo ez batere. Eta ez da miresteko ez izatea ere, behintzat esperantza finik eta deus balio duenik, zeren ez baitu berak ere aitzinetik Jainkoarekiko hala obratu eta ez erakutsi. 4 Kristau kristau denak, batean ez bada bestean, noizik behin bederen hautematen du bere kontzientzia, bisitatzen du bere arima. Eta bekatutan dagoenean, iruditzen zaio ilunpean dagoela, eta korapilo bat edo zama pisu bat barren hartan baduela. Baina bekaturik gabe denean, arrai, argi eta libre edireten du bere burua. Ongi konfesaturik etxera bihurtzen zarenean, iruditzen zaizu karga sorta bat, zama pisu bat gainetik utzi duzula, arindu, kontsolatu eta alegeratu zarela. Eta arrazoirekin iruditzen zaizu hala. Zeren zer da munduan kontsolamendu handiagorik eta bihotz-altxagarriagorik, ikustea baino ez duela deusen ere arriskurik, ez duela konfesatu beharrik eta ez bere kontzientzian harrik? Halakoak ez du ardurarik, eta ez du izateko ere, berehala, laburzki, gehiago konfesatu gabe hilagatik ere, zeren prestatua baitago, seguru baitago, bekatu mortalik gabe baitago. Aise da, alegera da, bake handian da halakoa. Zer ahal dateke, bada, munduan halako ontasunik edo paradisurik, nola baita kontzientzia ona, esperantza handiz betea, beldur gabea eta egiazko alaitasunaren jabea? Beste munduko paradisuaz, zeruko loriaz kontu gutxi egitea itsutasun handia da, eta batere federik dutenen artean gauza mirestekoa. Baina, aldez, are itsutasun handiagoa eta gauza mirestekoagoa da mundu honetako paradisuaz –zein baita kontzientzia ona– hain kontu gutxi egitea. Zeren beste munduko paradisua ez dugu oraino ikusten bederen eta ez gozatzen, baina mundu honetakoa, kontzientzia onaren bakea eta sosegua, noizik behin, bekaturik gabe gaudenean bederen, ikusten, dastatzen eta frogatzen dugu. Eta guztiarekin ere ontasun hau ere, besterik anitz bezala, galtzen uzten dugu. Bada, bertuteak, prestuki bizitzeak, beste ordainketarik eta saririk ez balu ere kontzientzia onaren bakea eta sosegua baizik ere, hargatik beragatik ere behar genuke lehen baino lehen, gerotik gerora ibili gabe, egunetik biharrera luzatu gabe, orain bereon, kontzientzia ona, ontasun handi hau erdiesten saiatu eta lehiatu. Honelatan, gutarik batbederari esan lekiokeelarik (Es 3:24), –Si dormieris non timebis, quiesces et suavis erit somnus tuus. Lo zautzanean, ez zara beldur izango, pausatuko zara eta lo gozoa egingo duzu. XLVII NOLA ORAINDANIK BEHAR DUGUN, GEROKO BEGIRA EGON GABE, ONTASUNEAN IRAUTEN ETA PERTSEBERATZEN SAIATU Behin ere makurtu gabe, saihetsera ere aldaratu gabe, bide onari eta artezari beti ongi eta artez jarraikitzea, bertutean, prestutasunean eta obra onetan fineraino eta finean, beti fin eta finko egotea eta irautea deitzen da herri eta hizkuntza gehienetan «pertseberatzea». Eta pertseberatze hau, bertutean eta ontasunean fineraino eta finean iraute hau da Jainkoaren dohaina eta emaitza, Jainkoa beragandik baizik bestetatik ezin datekeena. Hala esaten du Kontzilioak (Conc. Tridentino, VI. Sesioa, 13. k.): –Munus perseverantiae aliunde haberi non potest, nisi ab eo, qui potens est eum, qui stat statuere ut perseveranter stet, et eum qui cadit, restituere. Eta arrazoia ematen du san Tomasek (S. Th., 1, 137, 4): –Perseverantia indiget non solum dono habitualis gratiae, sed etiam gratuito Dei auxilio, conservantis hominem usque ad finem vitae. Quia liberum arbitrium de se est flexibile. Nola gizonaren borondatea alde batera eta bestera itzultzeko baita libre, borondate libre honek kontrako aldera itzuli gabe eta hara erori gabe egoteko behar du Jainkoaren graziaren eta faborearen habea eta sostengua, eta bai pertseberantziaren indarra eta dohaina ere. Hala ematen du aditzera san Agustinek (De Eccles. Dogmat., 24. k.): –Firmissime tenendum est, neminem, etiam baptismatis gratia renovatum, idoneum esse ad superandas diaboli insidias, et ad vincendas carnis concupiscentias, nisi per quotidianum adiutorium Dei, perseverantiam bonae conversationis acceperit. Finki eta duda gabe sinesten dugu eta sinetsi behar da ez dela inor ere aski sendo eta ez boteretsu Deabruaren engainuak eta haragiaren gutiziak garaitzeko, egun guztiaz Jainkoa bera lagunduz pertseberantziaren dohaina jasotzen duela baizik. Etsaiak –Mundua, Deabrua eta Haragia–, bortitz; natura, ahul. Borondatea, onera eta gaiztora libre: bietara jokatzen; eta haragiaren arabera, gaiztora jokatzenago. Ez da, beraz, irauterik eta ez fermu eta finko egoterik, Jainkoak berak edukitzen eta sostengatzen gaituela baizik. 1 Bi pertseberatze-molde, bi iraute-suerte esan daiteke aurkitzen direla gure artean. Bata da zenbait denboratakoa, zenbait denboraz ontasunean iraunez gero eta bekaturik egin gabe egonez gero, azken finean edo finera hurbiltzean huts egiten duena. Hura da arbelaren gainean ereiten den hazia bezala: sortzen da ongi, baina nola ez baitu errorik egiten, azkar ihartzen da. Hala dira, bada, jende-tailu batzuk ere. Hasten dira ongi; ordea, ez dira aitzinatzen: den traburik ttipienean behaztopa; kanabera bezala, malgu eta plega; kameleoia bezainbatean muta; finean irmotasunik ez, hoberenean falta. Aurkitzen da vipera deritzan sierpe bat, gaiztoa eta pozoitsua. Eta hartaz esaten du Pliniok egozten duela neguan bere pozoia, eta lurrean barrena ehorzten duela; baina gero, udan, pozoi berriarekin, are lehena baino gaiztoagoarekin agertzen dela (Naturalis Historia, VIII, 59. k.). Hala dirudi, bada, egiten duela eritasunean, garizuman edo zenbait trabailutan eta egitekotan denean bekatutik aldentzen denak ere. Sendatu arte, garizumaren edo trabailuaren negua iragan arte pozoia uzten du. Baina gero, uda datorrenean, senda dadinean, garizuma iragan denean, azkenik bere gogara jar dadinean, berriz bere pozoia hartzen du, bere lehengo bekatura bihurtzen da. Hau da bihurgune gaiztoa, denbora gutxiz ontasunean irautea eta pertseberatzea, eta, guztia ongi kontatzera, deus gutxi balio duena. Bigarren iraute eta pertseberatze-moldea da azken finekoa: lehen zer izan baita ere, azken finean ontasunean, prestutasunean eta bertutean pertseberatzea, irautea eta hartan amaitzea. San Agustinek ez du konturik egiten lehendabiziko pertseberantziaz eta irauteaz, finera baino lehen –edo finean berean– fina finatu gabe finatzen denaz (De dono perseverantiae, 1. k., 1): –Potius habuit perseverantiam unius anni fidelis, et quantum infra excogitari potest, si donec moreretur fideliter vixit, quam multorum annorum, si exiguum ante mortem a fidei stabilitate defecit. Azken urtean, heriotzako aitzinean denbora apur batez ongi bizitzen denak, eta gero hiltzen denean bekaturik gabe gertatzen denak esan daiteke duela behar den pertseberantzia eta irmotasuna, eta ez aitzinetik anitz urtez ongi eta prestuki bizi izan denak, baldin hiltzerakoan edo hiltzen denean huts egiten badu. Aaron apaiz handiaren jantziak beheko bazterrean inguru zituen mingrana pintatuak (Ir 28:33-34). Mingranak, beste fruituek ez dutena, badu koroa irudi bat. Bada, koroa hura nahi zuen Jainkoak eman zekion apaizaren jantziari, ez hastean eta ez erdian, baina bazterrean, oinetan, amaitzean. Zeren amaitzeari dagokio koroa, eta ez hasteari. Galdegin zioten egun batez Diogenes filosofo handi hari ea zergatik hain zahartuz gero ez zen pausatzen, ez zen estudiatzetik eta irakurtzetik gelditzen. Eta ihardetsi zuen: –Gai baten gainean, garaikarrean, laster egiten duenak ez du xedera eta marrara hurbildu hurran denean arduragabetu behar eta ez baratu. Aitzitik, orduan behar du bermatuago eta enplegatuago, hartara ezkero garaitia bestek eraman ez diezaion eta anarterainoko lana ere gal ez dezan. Hala, bada, nik ere –dio Diogenesek– orain xedera, bizitzaren bazterrera eta adinaren amaierara hurbildu naizenean, ez dut gelditu behar eta ez arduragabetu. Baina orain behar dut lasterrago abiatu, finkiago bermatu eta denbora hobekiago enplegatu. Zeren bestela, benturaz gaia gal nezake, lehengo laster eginaz eta estudiatuaz ez nuke probetxurik. Hau da jondoni Paulok ere esaten duena (1Ko 9:24): –Sic currite ut comprehendatis. Egizue laster, harrapa dezakezuen bezala. Eta honela, laster egite eta harrapatze hau, fineraino eta finean, azken puntuan eta abiatzean bekaturik gabe gertatze hau esaten du san Agustinek dela Jainkoaren dohaina eta emaitza, Jainkoaren liberaltasuna, eta nori emango zaion eta nori ez Jainkoa beragandik baizik ezin jakin daitekeena. Beraz, beldur garela behar dugu bizi, behatuki ibili eta, geure indarrean baino Jainkoaren faborean fidatzenago garela, umiltasun handi batekin otoitzetan jarri, nahi gaitzan sostenga, erortzetik begira eta, bekaturik gabe gauden batez, beregana dei eta tira. Zeren ontasunean azken fineraino iraute hau inork ere bere buruz ezin merezi dezakeen dohaina bada ere, ordea, guztiarekin ere, egin behar du batbederak bere aldetik ahal dagiena, merezi balezake bezala. Zeren gure otoitz guztiak entzutera eta konplitzera obligatzen ez bada ere Jainkoa, ordea, gainerakoan prestik dago ahala egiten duenari heltzeko, jabetzeko eta eskua emateko. Hala ematen du aditzera errege Dabidek (Sal 144:18): –Prope est Dominus omnibus invocantibus eum, omnibus invocantibus eum in veritate. Hurbil egoten zaie Jainkoa zinez eta egiaz gomendatzen eta fabore eskatzen dioten guztiei. Eta nahi du eska diezaiogun, eta are lehia gakizkion, eta lehenbiziko ezean eta arbuiatzean ez dezagun etsi, baina atalondoan dagoen eskalea bezala, erdietsi arte egon gaitezen tematuak. Eta orobat da noiznahi den, gauaren erdian ere, eskatzea. Zeren Jainkoa baitan ez da ezorenik eta ez aldarte gaitzik, munduko jendetan ohi den bezala. Haren baitan muga guztiak eta oren guztiak dira bat, beti da inor ongi etorria. Beraz, honelatan zinki eta finki, maiz eta lehiatuki behar diogu azken fineko iraupena eta pertseberatzeko dohaina eskatu, eta honetan geure ahal guztiaz bermatu eta bularka jarri. Zeren azken fineko pertseberantzia da gakoa; hura da gorabehera guztia; hartan dago garaitia eta garaipena. Hura gabe lehengo obra onek deus gutxi balio dute. Zeren, iraganak iragan, azken finean nolako garen behatzen du Jainkoak, eta orduan aurkitzen gaituen arauaz ematen digu sekulako zortea, ona edo gaiztoa. Eta ontasunean iraute hau, pertseberatzea oraindanik behar da hartu eta eduki, eta ez geroko esperantzan utzi eta laga. Zeren azken fineko aitzin hartan irauten eta pertseberatzen duenak pertseberatu ohi du eskuarki azken finean berean ere. 2 Ordea, ez gaitu, ez, izutu behar azken finerainoko edo garenoko trabailu apur batek, hartaz zeruko loria, hain gauza handia, erdiesten denez geroztik. Zeren jondoni Paulok dioen bezala (Erm 8:18): –Non sunt condignae passiones huius temporis ad futuram gloriam quae revelabitur in nobis. Hemengo neke-lan guztiak, gehiago balira ere, ez dira zeruko loria erdiesteko merezidun, ez dira aski, ez dira deus harekin konparaturik. Beraz, honelatan ez dugu bizi garenoko lan apur hau soberetsi behar. Aitzitik, desiratu behar genuke izan ledin handiago eta iraun lezan gehiago. Hala desiratzen zuten lehenagoko santuek, eta halatan, desira hura hala izanez, eman zien Jainkoak hain loria handia. Halako batez mintzo dela, esaten du Espiritu Santuak (Jkn 4:13): –Consummatus in brevi explevit tempora multa. Denbora gutxiz bizi izan bazen ere, gutxi hartan egin zuen anitz. Zeren hartan baitzuen aitzinera ere ongi egiteko gogo eta borondate, eta borondate harekin hil baitzen. Hala esaten da, halaber, gaiztoez ere: denbora gutxiz egin zutela anitz, eta denbora gutxiz eta laburrez egin zituzten bekatuengatik ematen zaiela gaztigu luzea eta sekulakoa, zeren denboran izan baziren ere labur, ordea bekatu egiteko gogoan, borondatean eta desiran izan baitziren luze. Bada, nola gaiztoek baitute gogo eta borondate aitzinera ere bere gaiztakerietan egoteko eta bizitzeko, hala onek dute halaber ontasunean aitzina iragateko eta hartan fineraino eta finean irauteko eta pertseberatzeko. Eta ez da, ez, ezdeusgatik, Munduak, Deabruak edo Haragiak kontra apur bat eginagatik utzi behar pertseberatzea eta aitzinera iragatea, ez da hargatik gibelera bihurtu behar. Itsasoan dabiltzanak, tormentak hartuagatik, kontrako haizeak joagatik, ez dira berehala errendatzen eta ez bihotz hilduak eta etsiak jartzen, ez dira portuan sartu arte laxatzen eta ez arduragabetzen; anarteraino beti on daukate, beti saiatzen eta bermatzen dira. Hala behar dugu, bada, guk ere bermatu eta, paradisuko bidean jaikitzen zaizkigun tormentak eta kontrak garaiturik, hango portuan sartzen saiatu, eta ez anarteraino errendatu eta ez amainatu. Ez dugu tximinoak bezala egin behar: intxaurra jateko desiraz delarik, kanpoko azala hausteko nekeagatik uzten baitu barreneko mamia dastatu gabe. Kristau fina ez da, ez, berehala, lehenbiziko okasioan eta tentaldian erortzen; ez da lehenbiziko elkartzean behaztopatzen eta ez izutzen. Aitzitik, orduan, defendatzeko eta ihardesteko piztenago, bermatzenago eta finkatzenago da. Su ttipia, kandela-argia haize gutxik iraungitzen du, baina su handia, ikaztobia haize handiarekin handitzenago eta sendotzenago da. Hala, bada, debozio ttipia, ezbaiko gogoa eta intentzio ahula ere edozein tentaldirekin, okasio gutxirekin, haize apur batekin iraungitzen da. Baina debozio handia, intentzio fina, bertutean erroak eginik dagoena okasio handiekin, haize nahasiekin eta tentaldiekin fintzenago eta handitzenago da. Ordea, esaten denean ezen azken fineraino ez direla kristau onak eta finak baratzen, zabartzen eta ez gelditzen, ez da, ez, aditzen lehenbiziko hastetik amaitzeraino, gaztetik zahartzeraino behin ere eta inoiz ere bekaturik egin gabe egoten direla. Zeren Salomonek dioen bezala (Es 24:16): –Septies in die cadit iustus. Den justuena ere egunean zazpitan erortzen da, zenbait bekatu benialetan bederen behaztopatzen da. Baina aditzen da ezen bekatu bat egiten duenean, hartatik berehala, hartan gutxi pausaturik ateratzen dela eta, aterarik, azken finean bekaturik gabe gertatzen dela. Batzuek hartzen dute gogo eta borondate, zenbait denboraz bederen, bekaturik egin gabe egoteko. Zeren halako izaera du bekatuak, non uste baitut ezen ez dela inor ere, gaiztoago bada ere, bere gaiztakeriak unatzen ez duenik eta beste bizitza-molde bati lotzea desiratzen ez duenik. Ordea, batere eta inoiz ere bekaturik egin gabe egoteko gogo finkoa, pertseberatzeko irmotasuna gerorako uzten dute. Badu gure Gero honek hemen ere bere etxalekua eta ostatua. Bada, baldin izango bada irmotasunik gero, behar da pertseberatzen eta irmo egoten saiatu orain. Aitzineko obra onak eta pertseberantzia dira ondoko fin onaren eta pertseberantziaren bidea eta seinalea. Jaiki eta eror dabilenaren bizitza bizitza arriskutsua da, guztiz ere baldin eroririk denbora gehiago egiten badu jaikirik baino, nola arrunki gertatu ohi baita gure baitan. Agian aste batez edo biz egoten gara bekaturik egin gabe, baina urte batez eta hamarrez bekatutan. Badakigu gaiztakerian pentsatzen, irauten eta pertseberatzen, baina ez ontasunean. Eta badio san Agustinek (58. serm., De tempore, 1) ezen honela bekatutan egoteak eta pertseberatzeak haserretzenago duela Jainkoa, bekatu egiteak berak baino: –Non enim qui peccaverit, sed qui in peccatis perseveraverit, odibilis et abominabilis erit Deo. 3 Ebakitzen duzunean zuhaitz bat eta berriz hartatik urtumeak edo adarrak sortzen direnean, ageri da ez zenuela osoki eta ondotik ebaki, gelditu zela zenbait erro eta zain. Halaber, zauria ere behin sendatutzat utziz gero berehala gaizkoatzen denean, badirudi gelditu zela zenbait kutsu, zenbait narrio, ez zela ongi sendatu. Hala, bada, behin bekatutatik sendatuz gero, berehala eritzen eta haietara bihurtzen denean, badirudi gelditu zela zenbait erro, zenbait bekatu egiteko gogo; ez zela ongi sendatu eta ez garbitu; ez zuela aldentzea finki erabaki. Egia da, ordea: ongi garbitu eta sendatuagatik ere, gerta dakioke berriz likistea, eritzea eta bekatu egitea. Zeren bekatuaren erroa eta zimendua libertatea da, eta libertateak behin utzi duena berriz har dezake. Baina guztiarekin ere, behin eror eta berriz jaiki ibiltzea seinale gaiztoa da, eta gure galgarria. –Unus aedificans et unus destruens, quid prodest illis, nisi labor? (Si 34:28). Batek egin eta batek desegin: zer probetxu, lana baizik? Bada, halaber, zer probetxu da behin jaikitzeaz, baldin berriz erortzen bada eta, eroririk dagoela eta datzala, gelditzen bada? Zer probetxu da bide luzeari lotzeaz, gogo duen lekura heltzen ez bada? Zer probetxu ontziak beterik eta kargaturik bela ongi egiteaz, baldin portura baino lehen edo portuan galtzen bada? Zer probetxu etxea hasteaz, bukatzen ez bada? Ez da aski ongi hastea, bukatu behar da. Judas ongi hasi zen, baina gaizki bukatu. Loten emaztea ere Aingeruaren agindua konplitzen ongi hasi zen, Sodomatik irten zen; ordea, gibelera behatzeaz galdu zen, hargatik gatz bihurtu zen (Has 19:26). Eta gatz bihurtze honen gainean esaten du Glosak (Glosa liranoa, Genes. 19): –Sal est condimentum ciborum: et ideo uxor Lot respiciens retro, versa est in statuam salis, quia punitio eius dat condimentum sapientiae poenitentibus ne ad pristina peccata revertantur. Gatzak du indar eta bertute janariei gozo eta zapore emateko, eta bai aitzinera ere iraunarazteko. Eta halatan, gibelera behatzeaz gatz bihurtu zen. Emakume hark –eta hari eman zitzaion gaztiguak– erakusten digu ez dugula gibelera behatu behar eta ez lehen utzi ditugun bekatuetara bihurtu. Halatan esaten digu Jainkoak berak Memento uxoris Lot (Lk 17:32), oroit gaitezela Loten emazteaz, zentza gaitezela haren baitan, hari gertatu zitzaiona gerta ez dakigun, eta haren gatz hartaz gaziturik bezala, bekatutan usteltzetik begira gaitezen. 4 Ez da gibelera behatu behar, zeren hala behatzeaz izan da gaizki heldu denik. Bada etsenplu bat edo ele bat, elkar hil nahi zuten batzuen artean gertatua. Hasi ziren bi gizon ezpata-kolpeka, eta batak, maleziatsuago baitzen, esan zion besteari: –Hara, hara! Bihoa hortik zure gibelean dagoen gizon hori! Ez naiz ni biren kontra ari! Orduan, ustez ezen egiaz mintzo zen, behatu zuen gibelera eta, bitarte hartan, eman zion bere betea, eman zion zafadarrako eder bat. Hala egiten die, bada, Deabruak ere gibelera, lehengo bizitza gaiztora behatzen dutenei eta bihurtzen direnei ere. –Nemo mittens manum ad aratrum et respiciens retro, aptus est regno Dei. Gibelera beha dagoela golde-nabarretan ari dena ez da zeruko erresuma erdiesteko gai eta ez on –dio gure Jainkoak (Lk 9:62). –Arator respiciens retro facit sulcum tortuosum aut inutilem: sic accipiens melioris vitae statum, eta habens affectum redeundi ad pristinum statum ineptus est regno adipiscendo (Glosa liranoa, Luc. 9). Golde-nabarretan edo golde-pikoetan lur lantzen eta apaintzen gibelera beha dagoela ari denak ildoa makur egingo du, ez da hura goldelari on izango. Badira lan batzuk eta obra batzuk –nola baita jatea, edatea, mintzatzea–, aitzinera, gibelera, saihetsera edo noranahi den beha dagoela eginagatik, ez baita ardura. Baina badira, berriz, beste batzuk –nola baitira idaztea, pintatzea, jostea, golde-nabarrean eta arean ere aritzea–, ez baitira ongi egiten, beti kontu edukitzen dela eta aitzinera artez behatzen dela baizik. Hala da, bada, zeruko erresuma ere: baldin erdietsiko bada, artez ibili behar da, aitzina joan behar da; ez da gibelera, lehengo bekatuetara behatu behar eta ez bihurtu. Zeren bihurtzekotan, probetxu gutxi da lehen egin den guztiaz. Eroa da, behin kartzelatik itzuriz gero, berriz bihurtu nahi duena, eta bai, behin bide batean lapurtu dutenean, berriz handik iragan nahi duena ere. Halakoak animalia adimenik ez duenak baino adimen gutxiago du; zeren animaliak, bere adimen gabearekin ere, ez dira lehen gaizki heldu diren lekura berriz bihurtzen, baina bai bekatorea, bihurtzen da. Honen gainean esaten du jondoni Petrik (2P 2:21): –Melius enim erat illi non cognoscere viam iustitiae, quam post cognitionem retrorsum converti. Hobe zukeen egiazko bidea jakin gabe egon, jakinez gero gibelera bihurtu baino. Hala ematen du aditzera san Lukas ebanjelariak ere (Lk 11:26): –Novissima autem eius erunt peiora prioribus. Behin Deabrua espiritualki edo korporalki beregandik ateraz gero, bere faltaz berriz sartzen uzten duena gaizkiago da orduan, bigarren hartan, lehenbizikoan baino; arriskutsuago da azken hutsa, lehena baino; azkenak lehena ahanzten du. Honen arauaz abisatu zion paralitiko sendatuari ere bere sendatzaileak (Jn 5:14): –Ecce sanus factus es, iam noli peccare, ne tibi deterius aliquid contingat. Badakusazu sendatu zarela; begira, bada, berriz eritzetik, zerbait, are lehen baino gaizkiago, gerta ez dakizun. Zeren gaizto da eritasuna, baina gaiztoago berretura. Gaizto da zauria, baina gaiztoago gaizkoadura. Gaizto da konfesatu gabe egotea, baina aldez gaiztoago konfesatu dituzun bekatuetara bihurtzea. Bigarren bihurtze eta erortze hura gaitziago zaio Jainkoari, lehenbizikoa baino. Ezagutzagabetasun handia da eta eskergabe izatea, Jainkoari konfesatzean eta, handik kanpoan, zeure orazioetan eta otoitzetan hainbat promes eginez gero eta haiekin batean zeure bekatuen barkamena eta besterik ere anitz grazia, fabore eta ontasun erdietsiz gero, promesak hautsirik, berriz lehengo maina gaiztoetara bihurtzea, hainbat obligazio esker gaiztoaz pagatzea. 5 Hain da handi eta itsusi bigarren bekatua, behin barkatuz gero berriz egiten dena, non hark, bere eskergabetasunaz, lehengo bekatu barkatuak ere bihurtzen bezala baititu (vide san Tomas, S. Th., 3, 88, 2). Eta ez da miresteko, zeren bigarren bihurtze hark lehengo bekatu barkatuak ere eraberritzen, gogora ekartzen eta pizten bezala baititu. Eta hala justiziak ere, behin zigortua, bigarren atxilotzean, bortizkiago gaztigatzen du. Behin utzi zuen bekatura berriz bihurtzen dena konparatzen du Espiritu Santuak bere oka egina jaten duen orarekin (Es 26:11): –Sicut canis qui revertitur ad vomitum, sic imprudens qui iterat stultitiam suam. Eta jondoni Petrik, are gehiago, konparatzen du halakoa lohira idoiztatzera bihurtzen den urdearekin (2P 2:22): –Canis reversus ad vomitum, et sus lota in voluntabro luti. Hain da gauza hatsa, likitsa, higuina eta nardagarria or bat bere oka egina eta ahotik egotzia berriz irensten ikustea, non baldin Espiritu Santuak berak erabili ez balu konparazio hau, ez bainintzen ni aipatzera ere ausartuko. Baina esaten du Espiritu Santuak. Esan dezagun, beraz, guk ere, behin bekatua konfesatu, ahotik egotzi eta berriz hartara bihurtzea bere oka egina bera irenstea bezala dela, zeren oka hura zein lizun eta urde den, are baita lizunago eta urdeago bekatua. Beraz, honelatan ez da lehengo bekatuetara bihurtu behar, eta ez, behin garbituz gero, berriz likistu ere. Aitzitik, dagigun eta esan dezagun emazteak bezala (Kt 5:3): –Lavi pedes meos, quomodo inquinabo illos? Expoliavi me tunica mea, quomodo induar illa? Oinak garbitu ditut; nola, bada, likistuko ditut? Atorra erantzi dut; nola, bada, jantziko dut? Konfesatu ondoan, Munduak, Deabruak edo Haragiak berriz bekatu egitera eta lehengo egoeran, egoitzan, etzauntzan eta tokian jartzera bulkatzen zaituztenean, ihardetsi behar zenieke: –Nolatan egin dezaket nik hori? Garbitu ditut neure oinak; nola, bada, likistuko ditut? Erantzi dut behin atorra lohia; nola, bada, berriz jantziko dut? Biluzi naiz behin aztura gaizto guztietatik; nola, bada, berriz jantziko naiz? Utzi ditut behin; nola, bada, berriz hartuko ditut? Edo berriz hartzekotan, zertarako utzi behar nituen? –Si poenitens es, noli facere; si facis, certe poenitens non es –dio san Agustinek (De vera et falsa poenitentia, 10. k.)–. Baldin bazara penitente, baldin lehen eginaz damu baduzu, ez dagizula gehiago; zeren baldin egiten baduzu, ageri da ez zarela penitente, ez duzula lehenaz damu. Diferentzia handia da salbatzen direnen eta salbatzen ez direnen artean. Eta diferentzia hau ez dago, ez, guztia bekatu egitean edo ez egitean. Zeren salbatzen direnetatik, batzuek egin zuten noizbait bederen bekatu: jondoni Petrik, jondoni Paulok, Magdalenak eta bai beste anitzek ere. Baina diferentzia dago behin edo berriz bekatu egitea gertatuagatik, haiek arin uztean eta, behin utziz gero, ez haietara berriz bihurtzean. Hala edireten da lehenagoko santuak, zenbait bekatutan erori baziren ere, bizkor jaiki zirela, eta, behin jaikiz gero, ez zirela gehiago erori eta ez bere lehengo bekatuetara eta ez bestetara bihurtu. Hala egin behar dugu, bada, guk ere. Qui secutus es peccantem, sequere poenitentem (Warszewicki, De vita et miraculis S. Ambrosii). Baldin orainokoan jarraiki bagatzaizkie santuei bekatu egitean, jarraiki behar gatzaizkie halaber bekatuak uztean, eta behin utziz gero, ez berriz haietara bihurtzean. –Fineraino eta finean pertseberatzen duena izango da salbatua eta ongi zortetua: Qui autem perseveraverit usque in finem, hic salvus erit (Mt 10:22). Beste guztiak deus gutxi dira; finak darama koroa, amaitzean kantatzen da loria. Beraz, fin hari eta amaitzeko loria hari begia edukirik, haraino eta han behar dugu egun beretik, geroko begira egon gabe, bekaturik gabe egoten saiatu, hartarako orain eskuen artean darabiltzagun bekatuak urrikitze handi batekin konfesaturik eta utzirik, aitzinera gehiago egitetik begiratzen garela. Zeren halatan erdietsiko dugu orain pertseberantziaren dohaina, eta gero, azken finean, arimen salbazioa, sekulako loria. XLVIII NOLA, IKUSIRIK INFERNUKO BIDEA DEN GAITZAGO PARADISUKOA BAINO, BEHAR DEN GEROTIK GERORA IBILTZEA UTZI Anitzetan egon naiz neure buruarekin gogoetan eta iruditzen zait ezen gogoeta egiteko egitekoa dela ea zein den gaitzago: Jainkoa zerbitzatzea ala Deabrua, paradisura joatea ala infernura. Bi pertsona daude beste munduan, bata paradisuan eta bestea infernuan. Bada, haietatik bietatik, zeinek iragan ote zuen mundu honetan pena eta lan gehiago? Hau nahi nuke jakin; honen nago galdez; hau da ene gogoeta. Badirudi lan gehiago iragan behar duela paradisuratzen denak paradisuratzeko, infernuratzen denak infernuratzeko baino, zeren paradisuko bidea gaitzago baita, infernukoa baino. Hala ematen du aditzera san Mateok (Mt 7:14): –Angusta porta et arcta est via quae ducit ad vitam, et pauci sunt qui inveniunt eam. Atea ate hertsia da eta bidea ere bide meharra paradisura doana, eta gutxiak dira bide hura edireten dutenak. Esan nahi du gaitz dela zeruko lorian sartzea eta Jainkoaren aginduak konplitzea. Zeren ez da bide bat baizik, eta bat hura ere guztia da mehar, malkar, buruz gora, haragiaren kontra eta desgogara. Eta guztien buruan, ez da bide hartan bat ere errebelatu behar eta ez inora makurtu eta ez aldaratu: agindu guztiak behar dira konplitu. Baina infernura joateko, ez dira guztiak hautsi behar; aski da batean falta egitea. Hala esaten du jondoni Jakuek (St 2:10): –Quicumque totam legem servaverit, offendat autem in uno, factus est omnium reus. Beste guztiak konplituagatik, batean behaztopatzen bada, guztietan egiten da hobendun. Eta hau aditzen da, Glosak dioen bezala (Glosa liranoa, Jacob. 2), de poena damni et non de poena sensus. Guztietan egiten da hobendun, ez zeren bekatu bat baizik ez duenak hainbat pena merezi duen nola hamar dituenak, baina zeren bat baizik ez duena ere infernurako baita, hamar dituena bezain ongi, ez hain barrena eta ez hainbat penarekin; ordea, biak barrenean, nor bere mereziarekin. Beraz, gaitz izango da paradisuan sartzea hartarako agindu guztiak konplitu behar direnean, bide bat baizik ez denean eta bat hura ere hain meharra eta gaitza denean. Eta hala jondoni Paulok, bere santutasun guztiarekin ere ezin bururik eginez bezala, esan zuen: –Infelix ego homo, quis me liberabit de corpore mortis huius? (Erm 7:24). Ai, ene ditxagabea, ene onbeharra eta errukarria! Nork libratuko nau gorputz mortal honetatik? Scimus quod lex spiritualis est, ego autem carnalis, venumdatus sub lege (Erm 7:14). Zeren ni naiz haragiz eta haragiari emana, eta legea, Jainkoaren agindua, espiritu. Zer ikuskizun du, bada, espirituak haragiarekin? Nolatan konponduko dira biak elkarrekin? Egiteko handia da hau, hain handia ezen arrazoirekin esaten baitu Salomonek (Si 40:1): –Iugum graue super filios Adam, a die exitus de ventre matris eorum, usque in diem sepulturae in matrem omnium. Uztarri pisua eta karga handia darabilte soinean Adanen umeek sortzen diren egunetik heriotzaraino, bere amen sabeletik ateratzen direnetik hobira, guztien amagana bihurtu arteino. Halatan esaten du san Mateok (Mt 11:12): –Regnum caelorum vim patitur. Zeruko erresumari bortxa egin behar zaio, han parterik izango duenak zin-zinez eta bere indar guztiaz behar duela bermatu. Eta badio Job santuak ere (Jb 7:1): –Militia est vita hominis super terram. Kristau denak gerlan dabilen soldaduak bezainbat trabailu iragan behar du, zeren soldadutasuna eta gizonaren lurreko bizitza bat baitira. Eta jondoni Joanes ebanjelariaren esana da: Palmae in manibus eorum (Ap 7:9), ikusi zituela justuen eskuetan palmak, zein baitziren palma-zuhaitzaren adarrak, garaipenaren seinaleak. Eta garaipena den lekuan, aitzinetik behar da gerla, aitzinetik behar da neke eta trabailu. Zeren jondoni Paulok dioen bezala (2Tm 2:5): –Non coronabitur, nisi qui legitime certaverit. Ez da koroatua izango eta ez garaile geldituko zin-zinez bermatzen eta gudukatzen ez dena. Eta are, hau da egitekoa: zenbatenaz eta kristau bat baita kristauago, zenbatenaz eta zinkiago eta finkiago bermatzen eta saiatzen baita Jainkoa zerbitzatzen eta Deabruari kontra egiten, hainbatenaz etsaiak armatzenago eta tentazioak ere berretzenago zaizkio. Hala ematen du Espiritu Santuak aditzera (Si 2:1): –Fili, accedens ad servitutem Dei, sta in iustitia et timore, et praepara animam tuam ad tentationem. Ene seme: hasten zarenean Jainkoa zerbitzatzen, zaude erne eta beldur zarela, eta presta zaitez tentazioei kontra egiteko. Zeren jakin behar duzu ezen orduan egundaino baino tentatuagoa izango zarela. Honen arabera esaten du jondoni Paulok ere (2Tm 3:12): –Qui pie vivere volunt in Christo Iesu persecutionem patientur. Santuki eta prestuki, Jesukristok agintzen duen bezala, bizi nahi dutenak izango dira penatuak eta pertsegituak. Haiei erauzten zaizkie faltseriak; haiei egiten zaizkie irriak eta eskarnioak; azken batean, haiei egiten dizkie munduak kontra handiak. Eta gerta baledi ere munduan zenbait pertsona hain santurik, justurik, fama handikorik edo dohatsurik non ez ledin inor ausartu haren baitan mihirik ipintzera eta ez haren ohorea ukitzera, egia izango da orduan ere jondoni Paulok dioena: tentatuak eta pertsegituak izango direla justuak, zeren bere baitan barrena bederen, bere haragiaren mugidez eta desira desordenatuez tentatuak eta frogatuak izango baitira. Gerla handia dute elkarren artean bertuteek eta bizioek: urguiluak gerla handia egiten dio umiltasunari, abariziak liberaltasunari, haragiak kastitateari, inbidiak karitateari, gulak abstinentziari, kolerak pazientziari, nagitasunak diligentziari. Eta honenbestez, justu guztiak dira pertsegituak eta etsaigoan jarriak, bere baitan barrena bederen. Eta hala, betiere da egia per multas tribulationes opportet intrare in regnum Dei (Eg 14:21) anitz nahigabez, penaz eta trabailuz behar dela zeruko erresuman sartu. Anitz gertaldi bortitz, anitz pena eta atsekabe iragan behar du paradisuko bidean dabilenak. 1 Infernuko bidea daukanak badirudi ez duela halako atsekaberik, pertsekuziorik eta etsaitasunik izaten, ez duela halako gerlarik eta egitekorik sentitzen, zeren bere gogoak eta haragiak diotson bezala, bide zabalaz bere aisiara baitabil. Halatan esaten du san Mateok (Mt 7:13): –Lata porta et spatiosa via est, quae ducit ad perditionem et multi sunt qui intrant per eam. Atea ate zabala, eta bidea ere bide handia eta espaziotsua da infernura doana; eta anitz ibiltzen da bide hartan, eta bai atean ere sartzen. Bada han oinatza franko eta ez konpainia eskasik. Eta infernuko bidea, gaiztoek daramatena, deitzen da handia eta zabala, zeren hartan dabiltzanak ez baitira erregelaz bizi eta ez ordenantzaz. Ez dute haiek beste araurik bere borondatea baizik. Ez daude legearen azpian; legea da haien azpiko. Bidea huts eginak, errebelatuak dabiltza; eta hala dabiltzanak nondik-nahi den dabiltza, haientzat guztiak dira bide, guztiak dira zabal. Eta nola zabal baitira eta laguna ere franko baitute, plazer zaie bere errebelatze guztiarekin ere bide zabal hartan ibiltzea. Plazer da mihia, anitz arnegu eta juramentu egiten duela, nahi duen bezala mintzatzen uztea. Plazer da igandetan eta beste bestetan solasean, jan-edanean, dantzetan, jokoan eta atsegin hartzen –mezaz, bezperaz eta otoitzez konturik egin gabe– denbora iragatea. Plazer da haragiak kilikatzen zaituenean berehala zeure desira konplitzea. Plazer da bidegabe bat egiten dizutenean mendekatzea, ordainez ordain, moneta berean pagatzea. Plazer da –bere edo besteren– eskuen artean zerbait erabiltzea, eta alfer eta aise, ebatsiz izango bada ere, egotea. Plazer da ohe onean eta garbian etzatea. Plazer da ez barautzea, ongi jatea, hobeki edatea, eta bazkari onagatik afari hobea ez uztea. Azkenean, plazer, plazent eta atsegin da, bere gogoak eta apetituak diotson bezala, bide zabalaz ibiltzea. Ez, ordea, ez da plazer eta ez atsegin, baina gaitz eta penagarri da paradisuko bide meharra hartzea; agindurik hautsi gabe, beti artez ibiltzea eta bizitzea. Gaitz da mihia ongi gobernatzea, limurtzetik begiratzea eta besteak zutaz mintza litezen nahi zenukeen bezala zu ere haietaz mintzatzea. Gaitz da bidegabe bat egiten dizutenean barkatzea; gaizki esaten dizunari ez ihardestea; zeure eskuan duzularik, ez mendekatzea. Gaitz da haragiak tentatzen zaituenean, gaietan eta okasioetan zarelarik, zeure burua bortxatzea, desira ez konplitzea. Gaitz da tratuetan eta salerosietan beti egiaz ibiltzea, besterena eskuan darabilzularik ez kutsatzea, errotan irinik ez lotzea. Gaitz da zur baten gainean, zeure ohe ona utzirik eta larru arras zilizio bat, zurdazko gerriko bat harturik, etzatea eta ibiltzea. Gaitz da barautzea; janari ona, edari hobea eta apetitu ere duzularik, guztiak Jainkoagatik uztea. Azkenean, gaitz da eta penagarri da, munduan garelarik, munduan ez bagina bezala, munduaz konturik egin gabe Jainkoaren borondateari errendaturik egotea; haren aginduen arabera, haragiz ez bagina bezala, beti espiritualki bizitzea. Eta alabaina, gaitzago bada ere, hau da paradisura joateko bidea, hau da han sartzeko atea. Beraz, orain badirudi ezen ez dela gaitz galdez gauden egitekoari ihardestea, zeren irudiz frogatu baitugu aski klarki errazago eta atseginago dela infernuko bidea paradisukoa baino, paradisukoa hain gaitz denez geroztik. Baina guztiarekin ere, aihertzen naiz esatera, eta esaten dut, paradisuko bidea errazago, lauago eta atseginago dela infernukoa baino; eta infernura joaten denak pena eta lan gehiago iragan behar duela, are mundu honetan ere, infernura joateko, paradisuratzen denak paradisuratzeko baino. Eta hartarako, froga dezagun lehenik erraz dela paradisuko bidea, eta gero frogatuko dugu errazago dela infernukoa baino. XLIX NOLA PARADISUKO BIDEA DEN ERRAZ Egia hau –paradisuko bidea erraz dela– anitz moldez eta arrazoiz froga daiteke. Lehenbizikorik, esaten du jondoni Joanes ebanjelariak (1Jn 5:3): –Mandata eius gravia non sunt. Jainkoaren aginduak ez dira pisu eta ez gaitz. Halaber, esaten du Espiritu Santuak (Koh 8:5): –Qui custodit praeceptum, non experietur quidquam mali. Agindua konplitzen duenak ez du gaitzik frogatuko; halakoa aise eta bere gogara izango da. Eta guztien gainetik, esaten du gure Salbatzaileak berak (Mt 11:28-30): –Venite ad me omnes qui laboratis et onerati estis et ego reficiam vos. Tollite jugum meum super vos et discite a me quia mitis sum et humilis corde et invenietis requiem animabus vestris. Jugum enim meum suave est et onus meum leve. Zatozte enegana trabailatzen zareten guztiok eta kargaturik zaudetenok, eta nik arinduko eta aise ipiniko zaituztet. Har ezazue ene uztarria zeuen gainera eta ikas ezazue enegandik ni naizen bezala, eme eta umil, izaten, eta edirenen duzue zuen arimentzat bake eta sosegu. Legis difficultatibus laborantes, et peccatis saeculi oneratos ad se vocat (san Hilario Poitiers-ekoa, Commentarius in Matthaeum, 11. k., 13). Lege Zaharreko zeremoniez trabailaturik eta bekatuzko egitekoez kargaturik daudenak deitzen ditu beregana. Eta haiei esaten die, legez aldaturik, lege zahar hura utzirik eta bekatuen karga ere beregandik egotzirik, har dezatela beste karga-molde bat, uztarri leunago bat, zein baita Lege Berria, Ebanjelio santua, eta, haren arauaz bizitzen direla, ikusiko dutela zein aisia handian ipiniko dituzten bere buruak, zein kontent eta bere gogara biziko diren, eta zein plazent, aisit eta erraz irudituko zaien Jainkoa zerbitzatzea eta, haren lege santuaren uztarriari errendaturik, agindu santuen bidean ibiltzea. Jainkoak berak esaten du atsegin dela haren uztarria eta karga ere arin; beraz, hala da, atsegin da eta arin. Zeren Jainkoak ezin esan dezake gezurrik. Ordea, nola Jainkoak esaten baitu haren uztarria atsegin dela eta karga ere arin, hala esaten du, halaber, Jainkoak berak paradisura joateko bidea bide hertsia, meharra eta gaitza dela, eta gutxik aurkitzen duela bide hura; baina infernuko bidea dela handi, zabal eta atsegin, eta ez dela bide hartan jende eskasik, badela konpainia franko. Batean ematen du aditzera erraz dela eta zabal paradisuko bidea, eta, berriz, bestean gaitz dela eta mehar. Nolatan ahal dateke, bada, hau honela? Erraz eta gaitz, zabal eta mehar? 1 Puntu honi ihardesteko, jakin behar duzue ezen baldin, alde batetik, Jainkoaren Lege santuari berari, hain osoki eta konplituki konplitu eta begiratu behar denari, eta, bestetik, geure haragiari ere berari, hain gauza ahulari eta ahultzen errazari soilki eta bakarrik behatzen badiegu, latz eta gaitz dela Jainkoa zerbitzatzea eta haren Lege santua begiratzea eta konplitzea. Baina baldin kontsideratzen baditugu Jainkoaren laguntza, etorkizuneko esperantza, ordainketaren segurantza, gogotik eta borondatez dagoenaren indarra eta, guztien gainetik, ontasunean dabilenari Espiritu Santuak ematen dion indarra, berotasuna, kontsolamendua eta dohaina, aurkituko dugu ez gaitz baina erraz, ez hertsi baina zabal, ez pisu baina arin eta atsegin dela Jainkoa zerbitzatzea eta haren Lege santua konplitzea. Gaitz da Jainkoaganako bidea, haren aginduak konplitzea. Ordea, norentzat da gaitz? Berrientzat, aritu gabeentzat, nagientzat, laxoentzat, saiatzen ez direnentzat, aitzinera behatu gabe, etorkizunaz konturik egin gabe haragiaren arauaz bizi nahi dutenentzat eta, guztien gainetik, gogotik eta amodioz ez daudenentzat. Ez, ordea, ez da latz eta ez gaitz, haragiari gibela emanik, arrazoiaren arauaz gobernatzen direnentzat, etorkizunera behatzen dutenentzat eta gogotik eta beren-beregi, zin-zinez eta amodioz saiatzen direnentzat. Hala ematen du aditzera san Krisostomok (39. hom., Matt. 11): –Quod si onus audiendo formidas nimium, atque perhorrescis, non naturae rerum huiusmodi timorem, sed ignaviae tuae totum tribue. Nam si accinctus et praeparatus eris, et nulla desidia effeminatus, cuncta facilia videbuntur. Baldin Jainkoaren ebanjelioa eta uztarria zama dela entzuteaz lazten eta larritzen bazara, zeure hoztasunari eta nagitasunari emaiozu hoben eta falta, eta ez besteri. Zeren baldin gogotik, zin-zinez prestaturik eta istalgaraturik abia bazintez eta berma, ez zintezke izu eta ez ikara, baina irudi lekizuke guztia erraz, plazent eta arin. Zeren oraino san Krisostomok berak dioen bezala (De Lazaro, 3. hom. : Luc. 16): –Fieri potest, quod natura est intolerabile, sit leve, si cum alacritate animi suscipiamus. Bere egitez gaitz den gauza ere errazten da gogotik eta alaitasunez hartzen denean. Eta badio san Agustinek ere (Sententiae, 222: De praecepto Dei): –Omne praeceptum leve est amanti. Agindu guztiak dira erraz amodio duenarentzat. Den gauzarik errazena egin bedi gogo gaitzez, eta gaitz izango da; den gaitzena egin bedi gogo onez, eta erraz izango da. Halatan, jondoni Joanes ebanjelariak, amodio dutenez eta ez dutenez mintzo dela, ematen du aditzera amodio dutenei agindu guztiak iruditzen zaizkiela agindu bat: Si quis diliget me, sermonem meum servabit (Jn 14:23); baina amodiorik ez dutenei, agindu bat bera iruditzen zaiela anitz agindu: Qui non diligit me, sermones meos non servat (Jn 14:24). Batean dio sermonem, eta bestean sermones. Halatan esaten du san Agustinek ere (De civitate Dei, XI, 28. k.): –Ita corpus pondere, sicut animus amore fertur, quocumque fertur. Amodioak erabiltzen du batbedera nahi duen lekura, pisuak balantza erabiltzen duen bezala. Guztia dago gogoan, guztia dago borondatean eta amodioan. Manamendu guztiak amodiotik eta karitatetik hasten dira, amodioaz eta karitateaz konplitzen dira, eta amodiora eta karitatera, bere finera eta xedera bezala, biltzen eta bihurtzen dira. Beraz, ezin dateke gaitz amodio duenarentzat aginduak konplitzea, zeren amodioak aginduei bere garraztasuna eztitzen, mintasuna gozatzen eta gaiztasuna errazten baitie. Errege Dabidek, nola ez baitzuen amodio eskasik, halatan Jainkoaren aginduak erraz iruditurik, esaten zuen: –In via testimoniorum tuorum delectatus sum sicut in omnibus divitiis (Sal 118:14). Zure aginduen bidea hain da bide atsegina eta plazenta, non hartan ibiltzeaz munduko aberastasun guztiak eskuen artean erabiltzeaz bezainbat atsegin hartu baitut. Quam dulcia faucibus meis eloquia tua (Sal 118:103). Ezin esan dezaket zein gozo eta ezti zaizkidan neure ahoan eta eztarrian zure aginduak, solasak eta perpausak; are, eztia baino eztiago edireten ditut: Super mel ori meo (Sal 118:103). Amodioak beroturik egiten zuten lehenagoko santuek Jainkoaren zerbitzuan hainbat balentria. Halatan pairatzen zuten hainbat pena eta trabailu, heriotza eta martirio, dolore eta estira. Nola patriarka Jakobi iruditu baitzitzaion labur eta deus gutxi Rakel ederra erdiesteagatik zazpi urtez haren ondoan eta zerbitzuan ibiltzea, zeren maite baitzuen, amodio baitzion –Videbantur illi pauci dies prae amoris magnitudine (Has 29:20)–, hala santuei ere iruditzen zaie deus gutxi Jainkoagatik egiten duten guztia, zeren gogotik baitaude, amodioa baitute handia. Halatan, Apostoluek ere orduan zeuzkaten bere buruak dohatsuenik eta ziren alegerenik, noiz eta Jainkoagatik desohore eta laido gehiago errezibitzen baitzuten: Ibant gaudentes a conspectu concilii, quoniam digni habiti sunt, pro nomine Iesu contumeliam pati (Eg 5:41). Zeren, nola desohore eta laido haiek guztiak borondatez eta amodioz hartzen baitzituzten, amodio harekin batean ez zituzten sentitzen, ez zitzaizkien trabailu iruditzen. Honen arauaz esaten du san Agustinek (De bono viduitatis, 21, 26): –Nullo modo sunt onerosi labores amantium, sed etiam ipsi delectant, sicut venantium, aucupantium, piscantium. Nam in eo, quod amatur, aut non laboratur, aut et labor amatur. Amodioz eta gogotik dabiltzanen lanak ez dira lan; aitzitik, haietan atsegin hartzen da. Ehiztariak, arrantzaleak, pilotariak, dantzariak, nekatzen dira, trabailatzen dira; eta, alabaina, lan hura guztia festatzat hartzen dute. Zeren maite den gauzan, edo ez da nekerik edo maite da nekea ere; edo ez da lanik edo, baldin bada ere, hartan atsegin hartzen da. Ikusiko duzu zenbat pena iragaten duen ama batek bere haur ttipiarekin, eta, guztiz ere, haurra txarra, zakartsua eta hazkari gaitza denean. Ez dio lorik egiten uzten; gau eta egun hari txerak egiten eta zaintzen, bere burua deseginik, ari behar du. Eta guztiarekin ere, ama eroa hartan loriatzen da; gauaren erdian jaikirik eta bere loa galdurik, haur harekin, mila erokeria esaten duela, dostatzen da, zeren maite baitu, amodio baitio, eta amodioak lan guztiak arintzen, gozatzen, zaporatzen eta ezeztatzen baitizkio. Hala, bada, kristau onari ere amodioak, gogotik egoteak arintzen, errazten, gozatzen eta ahantzarazten dizkio Jainkoaren aginduak konplitzean iragan behar diren neke-lan guztiak. Hala esaten du san Agustinek (De Scripturis, 70. serm., 3, 3): –Omnia saeva et immania, prorsus facilia et prope nulla efficit amor. Diren gauzarik gogorrenak, molde gaitzenak eta hezigaitzenak ere hezten, beratzen, moldatzen eta eskuetaratzen ditu amodioak. Ez da gauzarik amodioak hez, hauts, balaka eta errenda ez dezakeenik. Maitemindu batek anitz pena eta lan pairatzen du bere maiteñoagatik, anitz gau eta egun gaizto iragaten du hura erdiesteagatik. Baina haiek guztiak, zeren amodioak itsutua baitago, deus gutxi sentitzen ditu. Bada, kristau onak, Espiritu Santuaren amodioaz eta graziaz ukiturik dagoenak zenbatenaz gutxiago sentituko ditu eta errazkiago iraganen ditu Jainkoaren zerbitzuan ahal diratekeen lanak? Zeren amodio garbiak, Jainkoagandik heldu denak indar gehiago behar luke –eta du ere–, Deabruagandik heldu den amodio higuin, hats, lizunak baino. Eta halatan, arrazoirekin esaten du gure Jainkoak haren Ebanjelioaren uztarria atsegin dela, eta legearen karga ere arin, zeren hala baita: arin eta plazent baita gogotik dagoenarentzat, borondatez eta amodioz hartzen duenarentzat. 2 Are gehiago: plazent, aisit, arin eta erraz da Jainkoa zerbitzatzea, haren aginduak konplitzea. Ez hastean, ez lehenbizian, zeren haragiak eta ohitura gaiztoek kontra handia egiten baitute; baina behin arituz gero, dastatuz gero eta espiritua haragiari jaunduz gero, ez da munduan hain bianda apetitosorik eta gozorik, nola baita Jainkoa zerbitzatzea. Zapatak jantzi berrian estutzen du, min egiten du, baina apur bat erabiliz gero, moldatzen da, oinaren neurrira eta orkoira etortzen da. Oinak, lokartua dagoenean, eta gorputzak ere zurrundua, maneiu gutxi dute, jaikitzera eta ibiltzera herabe dute, baina, behin jaikiz gero eta apur bat higituz gero, berehala zalutzen, maneiukortzen eta iratzartzen dira. Halaber, pertsona jan-zaharrak, masail gogortuak edo hozkitua dagoenak ez du atseginik hartzen jaten hastean, lehenbiziko poxian eta ahamenean; baina, behin hasiz gero, handik aurrera jaten duena on eta gozo aurkitzen du. Hala, bada, Jainkoaren zerbitzuan ibili nahi duena ere lehenbizian hozki da, zurrun da, hotz eta nagi da, baina saia bedi, has bedi eta berehala berotuko eta zalutuko da, trebe, bitore eta entregu izango da, aise ibiliko da, eta gero eta gero aiseago, zeren ez da han asetzerik eta ez higuintzerik. –Augent enim spirituales delitiae desiderium in mente, dum satiant: quia quanto magis earum sapor percipitur, eo amplius cognoscitur, quod amplius ametur. Beste janariek hiltzen dute apetitua –dio san Gregoriok (Evangelia, 36. hom., Evang. Luc. 14, 1)–, baina Jainkoa zerbitzatzeko janari honek berretzenago eta piztenago du, zeren barrenago hobeago eta gozoago edireten baita. Munduko atsegintasunek, diren handienek ere, denborarekin unatzen dute; berebat, aitzinago higuintza ematen dute. Baina Jainkoarenek gero eta gero apetitua pizten eta berretzen dute. Eta handik aurrera, hala berretuz gero, arituz gero, atsegin da eta plazent Jainkoaren bidean eta zerbitzuan ibiltzea, haren aginduak konplitzea eta prestuki bizitzea. 3 Are gehiago: atsegin da eta plazent Jainkoaganako bidea, haren aginduak konplitzea, konplitze hartatik heldu den probetxuari eta irabaziari behatzen dionarentzat, hartan gogoa eta begiak ipintzen dituenarentzat. Zeren san Krisostomok dioen bezala (in Psalm., 5): –Nulla res est tam difficilis quae non fiat facilis spe futurae vitae. Ez da hain gauza gaitzik, etorkizuneko bizitzaren esperantzarekin errazten ez denik. Hala esaten du san Agustinek ere (Appendix, 17. ep., Pelagii Ad Demetriadem, 28. kap. ): –Omne opus leve fieri solet, cum eius praemium cogitatur; et spes praemii solatium est laboris. Den lanik handiena ttipitzen eta kargarik pisuena ere arintzen du hartatik heldu den irabazian pentsatzeak. Ordainketaren esperantza da lanaren kontsolazioa. –Si vis sustinere laborem, attende mercedem –dio san Agustinek (Enarratio in Psalm., 36, 2. serm., 16)–. Nahi baduzu iraun lanean, pentsa ezazu ordainketan eta irabazian. Den egitekorik gaitzenari ere gogotik lotzen zatzaizkio ongi ordaindua izango zarela seguru zarenean. –Condimentum cibi ieiunium est. Quanto avidior appetentia, tanto esca iucundior –dio san Anbrosiok (De Elia et ieiunio, 9. kap., 32)–. Janariaren jakia baraua da eta gosea. Zenbatenaz gosea handiago, hainbatenaz janaria gozoago. Nola gosea edo apetitua baita janari guztien saltsa eta jakia, hala da nekearen eta lanaren kontsolagarria, zaporagarria eta aringarria ordainketa eta ordainketaren itxaropena. Honen arauaz esaten du errege Dabidek ere (Sal 118:112): –Declinavi cor meum ad faciendas justificationes tuas, propter retributionem. Erabaki nuen zure aginduak konplitzea, konplitzetik heldu zitzaidan probetxuagatik. Inork deus uste ez duen lekuan, herabe du, oina pisu du, baina irabaziak oinak arin. Laborariak, fruituen esperantzan, gogotik iragaten du bere lur-lanetako nekea. Merkatariak, irabazi ustez egiten du itsasoz eta lehorrez, hain arinki, hainbat bide, itzulinguru eta joan-etorri. Azkenean, irabaziaren itxaropen honek, deusen usteak ernatzen eta iratzartzen du mundu guztia, hain iratzartzen, non itxaropen honekin neguak uda, gauak egun, euriak ateri, minak gozo, lanak aisia eta atsekabeak ere atsegintasun eta plazentzia iruditzen baitzaizkigu. Bada, baldin mundu honetako irabazi apur baten itxaropenak, anitzetan ere engainaturik uzten gaituenak, hain gogotik, hain arindurik eta gutxi sentiturik trabailarazten bagaitu, zer izango da arrazoi eragin dezan zeruko loriaren itxaropenak, usteak eta oroitzapenak? Eta zer izango da, halaber, loria haren, irabazi guztien gaineko irabaziaren ondoan dabilenaz, hain gauza handiaren esperantzan lan egiten duenaz? Halakoari barautzea, otoitzetan egotea, etsaiari barkatzea, haragiaren plazerak uztea eta, azkenean, obra on guztiak egitea iruditzen zaio erraz eta deus gutxi, zeren lan apur haiengatik, sekulako loriaren, hain irabazi handiaren eta pagamendu abantailatuaren esperantzan jartzen baita. Halatan esaten du san Agustinek (Enarratio in Psalm., 36, 2. serm., 16): –Cum attenderis quid accepturus sis, omnia erunt tibi vilia, quae pateris, nec digna aestimabis, pro quibus illud accipias. Kontsidera dezazunean zein ordainketa handia emango zaizun hemengo lan apurrengatik, esango duzu ez duzula hain deus gutxigatik hainbat merezi. Zeren lana baita ttipi, labur eta aldi baterako, eta ordainketa handi, luze eta sekulako. Kontsidera dezagun, beraz, ordainketa eta aurkituko dugu erraz Jainkoaren lege santua. 4 Are gehiago: aurkituko dugu erraz eta arin Jainkoaren lege santua, zeren lege hau uztarri baita, eta uztarria bik jasaten eta eramaten baitute. Halatan esan zien baratzean nagusiak bere dizipuluei (Mt 26:38): –Sustinete hic et vigilate mecum. Sostenga ezazue orain hemen hainbeste trabailu; zaudete apur bat iratzarririk, eta ez zeuok, ez, baina mecum, enekin, nik laguntzen dizuedala. Hala esaten du jondoni Paulok ere (1Ko 15:10): –Abundantius illis omnibus laboravi; non ego autem, sed gratia Dei mecum. Ni beste guztiak baino trabailatuago naiz, ez ordea neu, ez, sed gratia Dei mecum, Jainkoaren grazia enekin. Hala esan zuen, halaber, jondoni Paulok berak (Flp 4:13): –Omnia possum in eo, qui me confortat. Ez da gauzarik, neure adore-emailearekin batean ezin egin dezakedanik. Kontsolamendu handia da bere lanetan eta egitekoetan lagun on bat izatea. Beraz, kontsola gaitezke gu ere, zeren geure egitekoetan Jesukristo lagun baitugu. Obra onetan zabiltzanean ez zara behin ere bakarrik; zurekin da Jainkoa, laguntzen dizu, gidatzen zaitu. Eta halatan da Jainkoaren lege santua erraz eta arin, zeren Jainkoak berak parte gehiena jasaten eta eramaten baitu. Jainkoaren aginduak idien orgak, txaluparen arraunak, ontziaren belak eta hegaztiaren hegalak bezala dira. Orga karga da, pisu da. Ordea, idiek karga harekin karga gehiago eramaten dute. Badirudi kargak laguntzen diela karga eramaten. Arraunak eta belak ere pisu dira. Ordea, haiekin batean arinkiago eta lasterrago doaz ontziak eta txalupak. Hegaztiaren hegalek ere badute bere karga eta pisua. Ordea, karga hark, ez kargatzen, baina arintzen du hegaztia. Hala esaten du san Agustinek (De Scripturis, 164. serm. : De Verbis Apostoli, 5. kap. ): –Haec sarcina non est pondus onerati, sed alae volaturi; habent enim et aves pennarum suarum sarcinas. Et quid dicimus? Portant illas et portantur. Portant illas in terra, et portantur ab illis in caelo. Hegaztiak jasaten ditu lurrean bere hegalak, eta airean hegalek jasaten dute hegaztia. Jasaten ditu eta jasaten dute. Esan bazeneza: “hegazti hau trabatzen eta kargatzen dute bere hegalek”, eta, errukiturik, edeki bazeniezazkio, kalte gehiago egin zeniezaioke probetxu baino, zeren airatzen eta hegaldatzen zena lurrean geldi bailiteke. Beraz, karga badira ere, on dira orgak, belak, arraunak, hegalak eta bai Jainkoaren lege santuaren uztarria ere, zeren uztarri hau, karga izanagatik ere, honekin batean hobekiago eta aisekiago iragaten baitira mundu honetako lanak eta atsekabeak. Zeren Jainkoak berak, legearen emaileak, legea begiratzen eta konplitzen laguntzen baitigu eta, hartarako, uztartzen bezala baita gurekin. Egia hau ezaguturik, esaten zion san Agustinek Jainkoari hitz gutxiz eta ederki (Confessiones, X, 29. k., 40 & 31. k., 45): –Da quod iubes, et iube quod vis. Jauna, emazu agintzen duzuna, eta gero agin ezazu nahi duzuna. Zeren indarra franko denean eta laguna ere ona, ez da kargagatik ardura. Beraz, Jainkoak berak jasaten laguntzen digunez geroztik, arrazoirekin esaten da haren uztarria atsegin dela, eta karga ere arin. 5 Gure lege santuaren eta aginduen karga arin da, eta, are, aringarri da, zeren baldin alde batetik kargatzen bagaitu, bestetik arintzen eta beste anitz kargaren eta obligazioren azpitik ateratzen baikaitu. Galdegiten dute teologoek ea guk, geure bekatuengatik, geure Jainkoari satisfaziorik eta ordainketarik egin diezaiokegunetz. Eta badirudi ezetz. Zeren esaten du san Tomasek (D. Eskoto, 4 Sent, 15, 1: 1): –Satisfactio est redditio voluntaria, aequivalentis, alias indebiti. Satisfatzea da zor ez ditugun obrez, geure eskuko ditugunez, nahi badugu baizik egitera obligatuak ez garenez zor dugun bezainbat pagatzea eta bihurtzea. Beraz, ezin egin diezaiokegu guk geure Jainkoari ordainketarik. Zeren nola baita Jainkoa guztien gaineko ongi-egilea eta dugun guztia harengandik baitugu, hala, dugun guztia eta ahal dagigun guztia hari diogu zor. Beraz, ez zaigu deus gelditzen geure eskuko; ez da obra librerik –manamendu ez denik–, zein deitzen baitituzte teologoek Opera supererogationis, obra emendailuzkoak, emanen gainekoak, gure eskuko direnak, libreak, nahi badugu baizik egitera obligatuak ez garenak. Badirudi ez dela honelako obrarik eta, baldin ez bada, seguru da ezin ordain diezaiokegula geure Jainkoari, eta ez satisfa. Baina, guztiarekin ere, ihardesten dute teologoek berek eta esaten, alde guztiz zordun bagatzaizkio ere geure Jaungoikoari, badela guztiarekin ere anitz obra on, nahi badugu baizik egitera obligatuak ez garenik, geure eskuko dugunik, nola baita ostiral guztietan barautzea, egunero meza entzutea, gau erditaraino otoitzetan egotea eta honelako besterik anitz. Hauek egitera ez gara obligatuak, nahi badugu baizik. Zeren Jainkoari alde guztiz eta geure ahal guztiaz zordun bagatzaizkio ere, ordea, Jainkoaren miserikordia eta liberaltasuna hain da handia non, baldin haren aginduak konplitzen baditugu, kontentatzen baita hainbestez eta gainerako beste obra on guztiak geure eskuko uzten baitizkigu. Eta hala, aginduak emateaz, aginduak gutxitu zizkigun, zama arindu zigun, zeren bestela, baldin aginduak eman ez balizkigu, guztiak agindu izango baitziren. Beraz, arrazoirekin esaten du jugum meum suave est, et onus meum leve (Mt 11:30), ene uztarria leun, atsegin eta aisit da, eta ene karga ere arin, zeren hala baita; eta are, karga delarik, karga aringarri eta gutxigarri baita. Eta hala, seguru da paradisuko bidea, behar den bidean hartzen duenarentzat, lau dela, plazent eta atsegin. L NOLA PARADISUKO BIDEA DEN ERRAZAGO INFERNUKOA BAINO Honen aurreko kapituluan eman diren arrazoien arabera, ageri da Jainkoaren lege santuaren karga karga arina dela eta jasateko erraza. Ordea, karga da, eta, karga denez gero, seguru da zenbait neke eta lan baduela, nola halaber infernuko bidea daukanak aurkitzen baitu zenbait atsegin eta plazer. Orain da, bada, kontua eta puntua ea zeinek duen atsegin eta plazer edo lan gehiago: paradisuko bidean ala infernukoan dabilenak. Eta gauza segurua da infernuko bidean dabilenak lan gehiago duela, karga pisuagoa darabilela, halako moldez ezen, karga hura ezin jasanez, esaten baitzuen profeta Dabidek (Sal 37:5): –Iniquitates meae supergressae sunt caput meum: sicut onus grave gravatae sunt super me. Ene bekatuek iragan eta erdiratu dute ene burua, eta, karga sorta pisu batek bezala, aurizki eta zapatu naute naizen guztia. Eta halatan esaten die Jainkoak halako kargarekin dabiltzanei (Mt 11:28): –Venite ad me omnes qui laboratis, et oneratis, et ego reficiam vos. Zatozte enegana trabailatzen zareten guztiok eta kargaturik zaudetenok, eta nik arinduko zaituztet; nik, karga pisu hori kendurik, karga arinago bat emango dizuet. –Tollam quidem sarcinas, sed inanes a sarcinis non dimittam. Tollam sarcinas malas, et imponam bonas (Agustin, De Scripturis, 164 serm., De verbis Apostoli, 4, 6). Kenduko dizuet karga, baina karga gabe ez zaituztet utziko. Kenduko dizuet karga gaiztoa, eta emango ona. Bertuteak, Jainkoa zerbitzatzeak baditu bere nekeak eta lanak, eta bai bekatuak ere bere atseginak eta plazerak. Bada, bertutearen neke eta lan haiek atseginago dira bekatuaren atseginak eta plazerak baino. Hala esaten du san Agustinek (Enarratio in Psalm., 127, 10): –Dulciores sunt lachrymae orantium quam gaudia theatrorum. Eztiago eta gozoago dira oraziotan eta otoitzetan daudenen negarrak, komedietan, dantzetan eta munduko plazeretan dabiltzanen irriak baino. Ikusiko duzu santutxo bat zoko batean negarrez eta hasbeherapenez otoitzetan dagoela, eta ikusiko duzu, halaber, otoitzez eta debozioz konturik egiten ez duen bat, betiere jendartean, jokoan, dantzan eta atsegin hartzen dabilela. Bada, orain zuri irudituko zaizu ezetz, baina zokoan otoitzetan dagoen hark beroago eta alaiago du bere baitan barrena bere gogoa, munduko atseginetan dabilenak baino, zeren Jainkoak bere graziaz eta faborez deboziotan dagoenaren negarrak gozatzen eta zaporatzen baititu, eta berak ere negar haietan ondore on bat aurkitzen baitu. Halakoagatik esaten du san Agustinek (De vera et falsa poenitentia, 13, 28): –Semper doleat, et de dolore gaudeat. Izan beza beti dolore, eta doloreaz gozo eta zapore. Ikusten duzunean pertsona bat bere bekatuen dolore hutsez negarrez dagoela, uste duzu ezen pertsona hura triste dela; baina engainatzen zara, zeren alegera da, eta alegeraz negar haiek egiten ditu. Zeren san Anbrosiok dioen bezala (De excessu fratris sui Satyri, I, 10): –Non solum dolor lachrymas habet, habet et laetitia lachrymas. Ez dira, ez, negar guztiak doloretik heldu; badira alaitasunetik heldu direnak ere. Pertsona justuen hasbeherapenak, otoitzetan eta penitentziatan daudenen negarrak alaitasunetik heldu dira. Negar haiek arrosak dira elorrien artean. Egur hezeak egiten du gar eta egiten du negar; sua datxekio eta ura dario. Hala, bada, pertsona justuak ere bertutezko obretan egiten du negar eta egiten du irri, badu lan eta kontsolazio, badu tristura eta alaitasun: kanpoan tristura eta barrenean alaitasun. Eta barreneko alaitasun hark garaitzen du kanpoko tristura, zeren tristura hura bere nahiz eta borondatez eta bere probetxutan hartzen baitu, eta haren ondoan alaitasuna espero baitu. Halakoagatik esaten du Elizak ere (“Veni Sancte Spiritus”, Missale Romanum): –In labore requies, in aestu temperies, in fletu solatium. Lanean pausua, beroan freskura, negarrean kontsolazioa. Halaber, halakoagatik esaten du Dabid santuak Labores manuum tuarum quia manducabis (Sal 127:2), bere eskuen lanak jango dituela. Trabailatzen denak, bere lanaz izaten duen irabazia jan ohi du, eta ez lana bera. Eta alabaina, esaten du lana bera ere jaten duela. Eta arrazoirekin esaten du hala, zeren justuak lan hartan ere janari gozo bat jatean bezainbat atsegin hartzen baitu (ikus Agustin, Enarratio in Psalm., 127). Kristau onak jaten ditu mundu honetan bere lanak, eta beste munduan lanaren irabaziak eta fruituak, zeren lan haietan, barautzean, otoitzetan egotean eta negar egitean ere, eperki jatean baino atseginago hartzen baitu. –Fuerunt mihi lachrymae meae, panes die ac nocte –dio Profetak (Sal 41:4)–. Ene gauazko eta egunazko ogia negarrak izan ziren. Ogiz asetzean bezainbat atsegin hartzen nuen negar egitean. –Gaudet iniquus in pompa, gaudet martyr in catena (Agustin, Enarratio in Psalm., 137, 3). Gaiztoak munduko hantuste hutsaletan, ponperietan, oturuntzetan eta handikerietan hartzen du atsegin eta plazer, eta martiriak, justuak kartzelan, lanetan eta katean. Eta martiri hark atseginago hartzen du bere lanetan eta Jainkoagatik iragaten dituen penetan, gaiztoak munduko plazeretan baino. Zeren san Agustinek dioen bezala (De Verbis Domini, 28. serm. ): –Maior est suavitas mentis, quam ventris. Handiagoa da arimaren kontsolazioa –eta bere gogara– gorputzarena baino, adimenaren atsegina sabelarena baino, eta barreneko bozkarioa kanpokoa baino. 1 Nola gaiztoek –munduko atseginetan, dantzetan, jan-edanean, jokoan eta beste plazeretan dabiltzanek– ez baitute barautzearen, otoitzaren eta beste bertuteen barreneko mamia, kanpoko azala baizik, ikusten, ez baitute penitentzian eta penitentziazko obretan estalirik dagoen gozotasuna frogatzen, uste dute ezen penitentziak ez duela batere ontasunik, atseginik eta ez plazerik, eta izatekotan ere, beste munduan izango duela, eta ez hemen. Eta nola beste mundukoa baita gerorako, esaten dute ez dutela presenteko plazera geroko esperantzagatik utzi nahi. Eta esaten dute honela, zeren baitakusate ezen bertuteak, Jainkoaren lege santuak kanpoko irudia eta figura duela itsusi, latz eta gaitz. Eta handik, kanpoko gaiztasun hark izuturik, uzten dute barreneko mamia eta hartzen dute kanpoko azala. Emakumeetara emana den batek ez du uste emakumeekin segitu gabe inor bizi daitekeela. Baldin esaten badiozu badela anitz segitzen ez duenik, ez du sinesten, zeren ez baita bera egoten. Jokari bati, arnegari bati, edale bati, dantzari bati edo halako beste jende-tailuei iruditzen zaie ezen bizio haietan dela plazer guztia, eta bertuteak, Jainkoa zerbitzatzeak, aginduak konplitzeak ez duela batere atseginik eta ez plazerik, penarik eta atsekaberik baizik. Baina engainatzen dira; ez dakitenak bezala mintzo dira. Ez dute egundaino frogatu, ez dute egundaino Jainkoa zerbitzatu, eta gero esaten dute gaitz dela Jainkoa zerbitzatzea. Dastatu ez duten bianda arbuiatzen dute; ez dakiten gauza kondenatzen dute. Gaitz da itsuak koloreen berri jakitea. Santu guztiek esan dute, idatziz ezarri dute Jainkoaren uztarria atsegin dela, haren lege santua erraz dela. Beraz, haiek, nola berak frogatuak baitira, sinetsiago behar dira, batere berririk jakin gabe bere plazerera mintzo direnak baino. Ez du egundaino inork Jainkoaren lege santua eskuztatu eta frogatu, non ez baitu mila ontasun eta laudorio lege hartaz esan eta kontatu. Deabruak ematen dizkie bere jendeei bere atsegin eta plazer-moldeak. Zer, bada, Jainkoa izango da hain idor eta anker, non utziko baititu bere adiskideak eta zerbitzariak atsegintasun-moko bat ere gabe? Zein parte estimatzen duzu hobe: Jainkoarena ala Deabruarena? Baldinba Jainkoarena? Beraz, Jainkoaren atseginak eta plazerak ere hobeagoak eta handiagoak izango dira Deabruarenak baino. Eta ez naiz, ez, mintzo beste mundukoaz; hangoaz ez da dudarik, zeren seguru da han gaiztoak izango direla sekulako penatuak, eta onak sarituak eta lorifikatuak. Baina mintzo naiz mundu honetakoaz. Eta diot ezen, are mundu honetan ere, kristau onek, Jainkoaren partea daukatenek atsegin eta plazer gehiago gozatzen dutela, kristau gaizto Deabruaren partea segitzen dutenek baino. Egia hau eman zien aditzera Jainkoak berak hartaz arranguratzen ziren jende batzuei, esaten ziela (Ml 3:18): –Convertimini et videbitis quid sit inter iustum et impium, et inter servientem Deo, et non servientem ei. Konberti zaitezte, bide onean jar zaitezte, eta ikusiko duzue zer diferentzia den onaren eta gaiztoaren, Jainkoa zerbitzatzen duenaren eta zerbitzatzen ez duenaren artean. Esan balie bezala: –Beste mundurako begira egon gabe, anarteraino itxaron gabe konbertitzen zareten puntuan ezagutuko duzue onaren eta gaiztoaren arteko diferentzia: bataren alaitasuna eta bestearen tristura, bataren bakea eta bestearen gerla, bataren atsegina eta bestearen atsekabea, bataren arraitasuna eta bestearen goibeltasuna. Laburbilduz, ezagutuko duzue eta esperientziaz frogatuko zein handia den onek gaiztoen gainetik duten abantaila eta nola diren onak, are mundu honetan ere, gaiztoek uste duten baino aiseago eta bere gogarago. Egun batez galdegin zioten apostoluek bere nagusiari (Mt 19:27): –Ecce nos reliquimus omnia, et secuti sumus te, quid ergo erit nobis? Jauna, guk utzi ditugu ditugun ontasun guztiak zugatik, eta jarraiki gatzaizkizu. Zer izango da, bada, gutaz edo guretzat? Ihardetsi zien (Mk 10:29-30). : –Amen dico vobis nemo est, qui reliquerit domum aut fratres aut sorores, aut patrem aut matrem propter me, aut propter Evangelium, qui non accipiet centies tantum in tempore hoc, et in saeculo futuro vitam aeternam. Egiaz esaten dizuet, ziurtatzen dizuet ezen nork ere utziko baitu enegatik eta ene Ebanjelioagatik etxerik, anaiarik, arrebarik, aitarik edo amarik, errezibituko duela orain, presenteko denbora honetan, utziko duenetik ehun gehiago, eta gero, beste munduan, bizitza eternala. Ikusazu nola mintzo den mundu honetako ordainaz eta beste mundukoaz, eta nola, bataz eta besteaz diferentzia eginik, esaten duen Jainkoa zerbitzatzeagatik deus uzten duenari emango zaiola, are mundu honetan ere, uzten duenetik ehun gehiago, eta gero, beste munduan, sekulako loria. Beraz, honelatan, badu Jainkoa zerbitzatzeak, beste mundukoaz gainera, mundu honetan ere zenbait sari, zenbait ordain, atsegin eta plazer. 2 Esango du zenbaitek: –Nolatan ahal dateke orainokoan esan duguna hala? Zeren ez dugu ikusten ezen Jainkoak bere zerbitzariei, pertsona justuei mundu honetan horrela gauza handirik ematen diela: ez kargurik, ez ohorerik, ez aberastasunik eta ez munduko beste gauzarik. Aitzitik, anitzetan ere haiek dakuskigu direla pobre, erikor eta munduko arauaz onbehar. Nola aditzen da, beraz, emango zaiela, are mundu honetan ere, uzten dutenetik ehun gehiago? Ez da gaitz ihardesten. Aditzen da Jainkoak bere zerbitzariei halako dohainak eta aberastasun espiritualak ematen dizkiela bere baitan barrena, non haiek baitira ehunetan ere handiago eta baliotsuago mundu honetako atsegin, plazer eta ontasun korporal guztiak elkarri eratxikirik baino. Jainkoaren atseginak eta plazerak gehienik ariman barrena dira. Eta barreneko atsegin haiek garaitzen dituzte kanpoko atsekabeak eta bai gorputzaren plazerak ere. –Omnes sancti adiuvantur a Deo, sed intus, ubi nemo videt –dio san Agustinek (Enarratio in Psalm., 53, 8)–. Santu guztiak dira Jainkoak lagunduak eta faboratuak. Ordea, non? Barrenean, inork ikusten ez duen lekuan. Baldin uzten badituzu kanpoko plazerak, gorputzarenak, emango zaizkizu barrenekoak, arimarenak, izango baitira ehunetan gorputzarenak baino handiagoak, eztiagoak eta abantailatuagoak. Eta baldin gorputzarenak utzirik, dasta bazenitza arimarenak, higuin lekizkizuke berehala gorputzarenak. Handik aurrera, lehen on eta gozo zitzaizkizun atseginak eta plazerak ez zenituzke ikusi ere nahi eta ez aipatu. Zeren, orduan, halako moldez argi lekizuke zeure adimena eta alda lehengo gogoa, non gauza guztiek lehen ez bezalako kolore bat, irudi bat eta zapore bat har bailezakete. Jainkoaren zerbitzariek badirudite kanpotik pobre, ezdeus, plazer gabe, hil hurranak. Ordea, jondoni Paulok dioen bezala (Kol 3:3), –Barrenean darabilte gorderik bizitza, zein baita Jesukristo. Mortui enim estis, et vita vestra abscondita est cum Christo in Deo. Eta nola Jesukristok berak baitzeukan bere dibinitatea eta Jainkotasuna barrenean estalia, eta kanpoan baitzirudien ttipi eta pobre, hala haren zerbitzariek ere, bere Jaunari jarraikitzen zaizkiola, dirudite kanpoan deus gutxi eta triste, baina barrenean dira alai eta kontsolazioz beteak. –Quam magna multitudo dulcedinis, quam abscondisti timentibus te (Sal 30:20). A, zein handia den Jainkoak kristau beldur zaizkionentzat gorderik eta estalirik daukan eztitasunaren multzoa! Hain da handia, ezen frogatu duenak baizik ezin jakin baitezake nolakoa den. Halatan esaten du errege Dabidek (Sal 33:9): –Gustate et videte, quoniam suavis est Dominus. Dasta ezazue, froga ezazue, zeren ez da Jainkoa dirudien bezain latz eta gaitz. Orainokoan Deabruaren zerbitzuan bezala, enplega zaitez hemendik aitzina Jainkoarenean, eta orduan ikusiko duzu, eta esperientziaz frogatuko, zein gozo, zein ezti, zein atsegin eta plazent den Jainkoa. Nola bertuteak, prestutasunak eta kristau on izateak baitakarke berarekin, bere baitan barrena, bozkario bat, alaitasun bat eta pozbide handi bat, hala bekatuak eta bekatutan ibiltzeak ere dakarke berarekin nahigabe bat, atsekabe handi bat, hain handia non baldin infernurik ez balitz ere, zeren bekatua bera bere baitan baita hain itsusi eta bere buruarentzat penagarri eta gaztigu, hargatik beragatik ere behar baikenuke bekatu egitetik begiratu. Jokari batek, nahiz eta, ari dadila dostetan, ez duen batere irabazteaz probetxurik eta ez galtzeaz kalterik, guztiarekin ere atsegin hartzen du irabazteaz eta damu galtzeaz, zeren irabaztea bere egitez baita plazer, eta galtzea atsekabe. Hala, bada, prestu izateak ere, paradisurik ez balitz ere, badu bere baitan barrena bere atsegina eta plazera, eta bai gaizto izateak ere, halaber, infernurik ez balitz ere, bere desplazera eta atsekabea. 3 Batzuei iruditzen zaie ezen bekatua gozo dela, atseginez betea dela, baina engainatzen dira. Zeren, bataz, atsegintasun hura ez da atsegintasun, baina engainu, eta engainu hura ere ez da, ez, bekatuarena eta ez bekatutik sortzen dena, baina bekatorearena, bekatorea beragandik eta bekatuaren eragile den Deabruagandik heldu dena. Orak bidean aurkitzen duen hezur idorra gozoki erabiltzen du ahoan, ez zeren hezur hark duen berarekin mamirik edo urinik, baina zeren, erabili hutsez, orari berari ahotik odola jariatzen baitzaio eta gero, odol harekin batean, hezur idor hura on, gozo eta ezti iruditzen baitzaio. Hala, bada, bekatoreari ere iruditzen zaio bere bekatu idorra on, gozo eta heze, ez zeren bekatuak berak bere baitan duen ontasunik edo gozotasunik, baina zeren bekatoreak baitauka bere gogoa, bere gutizia eta desira guztia bekatu hartan ipinia, eta desira hark ematen baitio bekatuari gozo eta zapore. Egun batez, Israeleko jendeak hain zuen egartsu, idorra eta edateko desira handia, non Jainkoak, haien premia ikusirik, eman baitzien harrimuger batetik aterarik iturri-ur fresko bat. Eta gero, hartatik edan zutenean, esan zuten ur hura ez zela, ez, ura, baina ura baino hobeago, munduko ardo guztiak baino gozoago, eztiaren pare zela: Ut suggeret mel de petra (Dt 32:13). Eta zerk eman zion ur hari eztitasun hura? Haien gutiziak, haien desirak eta egartsuak, zeren, gainerakoan, beste ur bat bezala zen ur hura ere. Hala, bada, ematen dio bekatuari ere bere gozotasuna gure gogoak, gure desirak eta Deabruak. Ez du bekatuak berak bere baitan itxurapenezko eta engainuzko gozotasunik baizik. Eta Deabruak bekatuari ematen dion engainuzko gozotasun hura ere bortxaz ematen dio, eta ez borondatez. Baldin bestela eginarazi ahal baleza bekatua, ez luke emango munduan den plazerik ttipiena ere. Arrantzaleak egozten du amua urera beitarekin, zenbait jateko eta bazkarekin, eta ez, ez arrainaren urrikariz, ez hari jatera eman nahiz, baina zeren bestela ezin engaina baitezake eta ez atzeman. Hala, bada, Deabruak ere ematen dio bekatuari zenbait atsegin eta plazer, zenbait bazka eta gozotasun, ez eman nahiz, ez atsegin-sari, baina zeren bestela ezin engaina baitezake bekatorea eta ez harrapa. Eta Deabruak bekatuari ematen dion engainuzko gozotasun hark ere, denak ere, deus gutxi irauten du, baina ondoko penak eta atsekabeak anitz. Bekatuaren plazeraz mintzo dela, esaten du Sofar, Joben adiskide hark (Jb 20:4-5): –Hoc scio a principio, ex quo homo positus est super terram, quod laus impiorum brevis sit, gaudium hypocritae ad instar puncti. Munduaren hastetik honaino, jendeak jende direnez geroztik, badakit puntu hau: gaiztoen laudorioa labur dela eta hipokriten alaitasuna are laburrago, puntu bat bezala. Bekatorea deitzen da hipokrita, zeren hipokritaren santutasuna bezala baita bekatorearen atsegina eta plazera ere. Nola hipokritak kanpotik baitirudi santu eta deboto, ordea, barrenean baita gaizto eta maleziatsu, hala bekatoreak ere kanpotik dirudi alai, kontent, atseginez eta plazerez betea; ordea, barrenean triste da, goibel eta ilun. 4 Gaiztakerian dabilenak, guztiak ongi kontatzera, seguru da, are mundu honetan ere, atsegin baino atsekabe gehiago iragaten duela. Ohoin batek zenbat trabailu iragan behar du bere ohoinkeria egiteko? Etsaigoan dabilenak zenbat ikara, zenbat bihotz-ukaldi errezibitu behar du bere etsaiaz mendekatzeko? Engainatzaile batek zenbat gogoeta eta itzulinguru egin behar du bere engainua baliatzeko? Gezurtiak zenbat gezur, zenbat hitz eder saldu behar du bere gezurra ederreztatzeko, estaltzeko eta egiatzat bulkatzeko? Betiere bezala, hemen ere ederki esaten du san Krisostomok (in Psalm. 124, 4): –Quemadmodum enim deformia corpora multis artificiis et indumentis indigent, quae naturae deformitatem contegant: quae autem natura pulchra sunt, ipsa per se, etsi nihil extrinsecus deveniat, resplendent: ita etiam in virtute et vitio, in veritate et mendacio, invenire possumus. Pertsona ederrak, gorputza bere eskuko eta ongi egina duenak ez du kanpoko edergarriren beharrik, zeren bera baita bere baitan eder asko. Baina itsusiak, marketsak, behar du anitz estalki, anitz bernizadura eta apaindura, eta haiekin guztiekin ere, etxean legoke ederkienik. Hala da, bada, bertutearen eta bizioaren, egiaren eta gezurraren artean ere. Egiak, bertuteak, ez du edergarriren beharrik, bera da eder asko. Gezurrak bai, hark anitz estalki behar du, eta edergarri; eta halarik ere, ez da behin ere aski edertzen eta ez estaltzen. Baldin gezurtiak bere gezurra egiatzat iragan eta salduko badu, penatu behar du; batari eta besteari zer ihardetsiko dion aitzinetik pentsatua eduki behar du, gogonduri on behar du, akorduan eta memorian egon behar du, zeren esan komuna da gezurrak zainak labur dituela: Mendacem opportet esse memorem (Kintiliano, De Institutione oratoria, IV, 2. k.). Zer esango dugu, bada, emakume baten ondoan dabilenaz? Harekin hartzen den atsegin hura, guztiak ongi kontatzera, atsegin ote da ala atsekabe? Ikusiko duzu gizon gazte bat –eta batzuetan, are gaiztoago baita, zenbait zahar ere bai–, gauak galdurik, ondasunak gastaturik, gorputza deseginik, bere ohorea eta eginbidea gibelera utzirik, emakume bati darraiola. Eta, berriz, ikusiko duzu halaber beste bat, emakumeez kontu gutxi eginik dabilen bat. Orain, bada, haietatik bietatik zein ote da aiseago eta bere gogarago? Zeinek iragaten ote ditu gau-egunak geldiago eta malenkonia gutxiagorekin? Ez da zer galdeginik. Zuk zeuk aitortuko duzu mundu honetan izan dituzun gertaldi gaitz guztiak, edo behintzat gehienak, aldez edo moldez, emakumeetako bekatuengatik izan dituzula, eta, baldin egia esan nahi baduzu, bekatu haietan plazer baino atsekabe gehiago iragan duzula. Eta hala da, bere arauaz, beste bekatu-suerte guztietan ere. Ez da gaiztotasuna baino gauza egitekotsuagorik, eta ez hartako lana baino lan galduagorik. Zeren ez da trabailu hartatik kalterik eta desohorerik baizik beste fruiturik biltzen. Halatan galdegin zien jondoni Paulok bekatutan ibili ziren jende batzuei (Erm 6:21): –Quem fructum habuistis tunc in illis, in quibus nunc erubescitis? Zer fruitu, zer irabazi izan zenuten orduan, orain aipatzera ere ahalke zareten bekatu haietan? Bekatuaren gaztigu handietatik bat da ahalkea. Hartzen duzu Deabrua zeure nagusi, eta ahalke zara haren mutil zarela esatera. Gaizto zara; ordea, ez duzu nahi gaizto dei zaitzaten. Zeuk egin duzun bekatua ez duzu zeuk aipatu nahi: desohore zaizu hartaz mintzatzea. Errukarri dira, onbehar dira gaiztoak, zeren haietaz haien adiskideak ere, agerriz ez bada ere kapapetik bederen, gaizki mintzo baitira. Baina onez eta prestuez, guztiek, are etsaiek ere, bere bihotzetan barrena bederen, ongi esaten dute. Ordea, guztiarekin ere, halarik ere, bere ahalke, desohore eta trabailu guztiekin ere, nahiago dute gaiztoek kontrako bidean trabailaturik ibili, bide onean eta artezean trabailatu gabe baino. Anitz gauza egin daiteke Jainkoaren zerbitzuan trabailu gutxirekin. Zeren zer trabailu da egiaz mintzatzea? Falso testimoniorik ez erauztea? Juramenturik ez egitea? Kristau lagunari barkatzea? Baina bestela egitean, bada pena eta trabailu. Zeren gezurrak, falso testimonioak, juramentuak eta etsaiez mendekatzeak ere anitz okasio eta egiteko piztu ohi dute. Eta, alabaina, hau da egitekoa: nahiago dugu infernutik infernura joan, ezen ez paradisutik paradisura. Aginduak konplitzeko eta begiratzeko ez dugu nekatu behar, ez behintzat hausteko bezainbat, eta halarik ere, nekaturik eta trabailaturik ere, nahiago dugu infernura joan, trabailurik gabe paradisura baino. Ez zuen behin gaizki esan santu batek, anitzetan ere, infernura joateko hartzen dugun lanaren erdiaz erdiets genezakeela paradisua (Vita Thomae Mori, 21. kap. ). Halaber, santu hark berak, ikusirik ezen neskato bat, kopeta edertzeko, xerloak goiti tiraturik penatzen zela eta gerria ere lerdentzeko bortizki estutzen zela, esan zuen: –Bidegabe egingo dio Jainkoak neskato honi, baldin honenbat pena eta trabailugatik ematen ez badio infernua. Zeren nola jende batzuk penatzen eta trabailatzen baitira paradisura joateko, hala beste batzuk are penatzenago eta trabailatzenago dira infernua erdiesteko. Eta infernuko pena hura ez zaie pena iruditzen, ez dute hura sentitzen, baina bai paradisukoa: hura sentitzen dute, hura soil zaie gaitzi, hartan laster unatzen dira. Maitakerian, ohoinkerian, jokoan gau-egunak aise eta gutxi sentiturik iragaten dituzu; hartarako ez zara eri, hartarako baduzu indar. Baina barautzeko, otoitzetan egoteko, eriak bisitatzera joateko ahul zara, eri zara, buruan min duzu. Jainkoagatik den penarik ttipiena errezibitzen duzunean, berehala arranguratzen zara; baina Deabruagatik, gau-aireak, hotzak eta beroak ere isil pairatzen dituzu. Ikusiko duzu emakume gaizto bat hasten dela oihuz, heiagoraz, deiadarrez eta atzaparkaz, zeren bere senarrak, gehiegikeriak gainez eginik, belarrondoko bat eman dion. Baina bere amoranteak, bere plazereko daukan gizon gaizto batek burua hausten badio ere, isil pairatzen du; eroririk edo bestela hartu duela ederreztatzen du. Senarraren kolpe ttipiaz arranguratzen da, eta ez amorantearen handiaz. Kontrara dabil. Hala gabiltza, bada, gu ere kontrara, eta arranguratzen gara Jainkoaren zerbitzuan iragaten ditugun trabailu apurrez, barautze batez, eta ez Deabruarenean pairatzen ditugun pena handiez. Haiek ez dira deus, haiek ez ditugu sentitzen, zeren, san Krisostomok dioen bezala (29. hom. ), Deabruak jasaten laguntzen baitigu: Laborant peccatores, quamvis adiutorio Diaboli laborem non sentiant. Baina etorriko da denbora Deabruak laguntzarik egingo ez diguna, eta infernuko bidean iragaten diren lanak eta jasaten diren kargak ere zein handiak eta pisuak diren frogatuko duguna! Zur bat, handiago eta pisuago bada ere, osin handian errazki maneiatzen da; arinki eta gutxi sentiturik, alde batera eta bestera itzultzen eta erabiltzen da. Baina ur bazterrean, lehorrean, ezin higi dezakezu; han da ageri, han jakiten eta frogatzen da zein pisu den. Hala, bada, halaber bizitzaren bazterrean, amaitzean, heriotzan ageriko da, han jakingo eta frogatuko da nolakoa den bekatua eta bekatuaren zama eta pisua, eta zein handia Deabruaren zerbitzuan, infernuko bidean iragaten den nekea eta lana. 5 Nola Jainkoa zerbitzatzeko bidea gogotik dagoenarentzat baita lau eta zabal, ez luke nahi Deabruak zabaltasun hari beha geniezaion; baina, zenbait mehartasun eta buruz gora ere baitu, hura nahi luke ikus genezan. Eta berriz, beste aldera, nola Deabrua zerbitzatzeak baitu anitz lan, ez luke nahi Deabruak egin genezan lan haietaz konturik; baina, atsegin ere zenbait baitu, hura nahi luke beti geure gogoan eta begien aitzinean eduki genezan. Hala juduak, Egiptoko gatibutasunetik irtenik, libre eta bere gogara zeruko janariz asetzen zirela zebiltzanean, zeren etorri zitzaien haragi jateko gutizia bat eta gutizia hura ez zuten nahi bezain azkar konplitzen, hasi ziren esaten bihurtu nahi zutela Egiptora, bere lehengo gatibutasunera, zeren han porruz, tipulaz eta baratxuriz asetzen zirela. Ez zuten kontsideratzen gatibualdi hartan iragaten zuten bizitza gaiztoa, baina bai eskuen artean zuten eskasia apurra edo desira desordenatua; eta halatan, bere lehengo tokira eta miseriara bihurtu nahi zuten. Zeren hau da Deabruaren malezia: ipintzen digu geure begien aitzinean bekatuaren plazera, baina ez atsekabea; pintatzen digu bertutearen trabailua, baina ez irabazia. Baldin bertutea eta bizioa, eta bertutearen eta bizioaren joan-etorriak, onak eta gaitzak ipin bagenitza bi balantzatan, eta kontsidera bagenitza behar litzatekeen moldean, ez dut uste aurki litekeela munduan bekatu egin lezakeenik. Esango duzu baduela bertuteak, Jainkoa zerbitzatzeak zenbait pena eta trabailu, eta bai bekatuak eta bekatutan ibiltzeak ere atsegin eta plazer, eta, beraz, hobe dela bekatuaren plazera, bertutearen atsekabea baino? Ez horrelakorik! Zeren san Agustinek dioen bezala (55. serm., De tempore): –Nec per latam viam diu gaudetur, nec per asperam et angustam longo tempore laboratur. Quia et isti per brevem tristitiam accipiunt vitam aeternam, et illi per parvum gaudium, patiuntur, sine fine supplicium. Bertutearen nekeak eta lanak labur dira, eta bai bekatuaren atseginak eta plazerak ere. Ordea, bertutearen lan laburrak ondotik du loria luzea eta sekulakoa, eta bai bekatuaren atsegin apurrak ere gaztigu handia eta amaiera gabekoa. Beraz, hobe da bertutearen atsekabea, bekatuaren plazera baino. Nola penatan eta lanetan denak, baldin gero ondoan irabazi handi bat edo kargu ohorezko bat espero badu, ez baititu pena eta lan haiek guztiak deus sentitzen, hala atseginetan eta plazeretan dabilenak ere, baldin plazer haien ondoan sentitu badu gaztigu handi bat harentzat prestatua dagoela, ez da posible atsegin haietan atsegin osorik har dezakeen. Aitzitik, orduan atsegina atsekabe bihurtzen zaio. Gizon batek, urkabera daramatenean, janari onak eta edari hobeak izanagatik, eta urkabeko bidea ere bide ederra, laua, atsegina, zuhaitz berdez, itzalez eta plazerez betea ikusiagatik, zer plazer ahal duke haietan guztietan? Badirudi esaten diola halakoari san Agustinek (Ennarratio in Psalm., 36, 2. serm., 16): –Noli attendere qua iturus es, sed quo iturus es. Ez dezazula beha nondik iragan behar duzun, baina beha ezazu nora behar duzun. Ez diezaiozula beha urkabeko bide ederrari, baina beha iezaiozu urkabeari, baratu behar duzun lekuari. Hala, bada, zuk ere bekatu bat egitera zoazenean ez diezaiozula beha bekatua egitean hartzen duzun atseginari, baina beha iezaiozu haren ondoko ondoreari, atsegin hark eramaten zaituen lekuari eta emango dizun atsekabeari. Bekatu bat egitera doanak kontsidera baleza zenbat pena eta atsekabe iragan behar duen bekatu hura egitean eta egin ondoan, zer gozo, zer zapore, zer atsegin eta plazer har liezaioke bekatuari? Bertuteak, Jainkoa zerbitzatzeak, prestuki bizitzeak ondore ona du, eta lanen bat badu ere, du apurra eta laburra; eta labur hura ere arintzen, gutxitzen eta gozatzen du ondoko irabaziaren eta atsegintasunaren segurantzak, gogotik, amodioz eta borondatez egoteak eta, guztien gainetik, Jainkoaren laguntzak eta faboreak. Baina bekatuetan eta bekatuzko plazeretan eta obretan gauza hauek guztiok dira kontrara: haietan plazera da ttipi eta labur, eta ondoko atsekabea handi, luze, eterno eta sekulako. Eta hala, arrazoi hauek guztiok ongi kontsideraturik, batbedera bere balantzan ipinirik, seguru da paradisuko bidea errazago dela infernukoa baino, eta infernuratzen denak pena eta trabailu gehiago iragan behar duela infernuratzeko, ezen ez paradisuratzen denak paradisuratzeko. Beraz, honelatan, paradisutik paradisura, bizitza on batetik hobeagora joateagatik ere, behar genuke egun beretik, geroko begira egon gabe, Jainkoaren lege santua, hain uztarri emea eta karga arina geure gogo eta bihotz guztiaz hautatu, besarkatu eta, halatan, gero urrikirik ez dukegun bezala bizitzen saiatu. LI NOLA EZ DEN KONFESATZEA GEROTIK GERORA LUZATU BEHAR Baldin Eskritura santua ongi irakurtzen eta kontsideratzen badugu, aurkituko dugu ez dela egundaino inor salbatu, eta ez salbatuko ere, aldez edo moldez konfesatu gabe. Egundaino ezkero, lege guztietan eta mende guztietan erabili da eta erabiltzen da konfesatzea. Diferenteki ordea, ez berdin. Lege naturaleko konfesatzea oraingo konfesatzearen itzala bezala zen. Ordukoa zen oraingoaren seinale bat, irudi bat, pintura bat eta adierazle bat. Lege naturalean aski zen bihotzezko urrikitze batekin eta batbederari bere gogoak bere baitan barrena ziotson kanpoko zenbait seinalerekin –kontu egizu: begi altxatze batekin edo belaunikatze batekin– Jainkoari berari konfesatzea eta barkamen eskatzea. Deitu zuen Jainko jaunak Adan eta galdegin zuen ea non zen (Has 3:9): –Vocavit Dominus Deus Adam, et dixit: Ubi es? Eta galdegite hura ez zuen, ez, egin jakin gabe; baina halatan bere bekatua ezagun zezan eta, ezaguturik, konfesa zezan. Eta zeren ez baitzuen behar zen bidean konfesatu, baina desenkusatu eta ederreztatu nahi izan baitzuen esaten zuela ezen bere emazteak eginarazi ziola halatan parte bat bederen, hainbat kalte eta damu errezibitu zuen. Molde berean aurkitzen da galdegin ziola Kaini ere, bere anaia Abel hil zuenean (Has 4:9): –Ubi est Abel frater tuus? Non da zure anaia Abel? Eta zergatik galdegin zion honela? Bere bekatua gogora zezan eta, gogoraturik, konfesa zezan. Eta zeren ez baitzuen konfesatu, baina ukatu baitzuen, halatan hain onbehar eta errukarri egin zen, eta mundutik erbesteratua ibilirik, azkenean kondenatu zen. Bada, Adan eta Kain ere lege naturalean ziren, jendeak, bere naturaren arabera, idatzizko gidaririk eta erakuslerik ere gabe bizitzen ziren denboran. Ordea, zeren naturak berak ere erakusten baitu behar dela arrazoiaren arabera bizi, gaizki egitea utzirik Jainkoarekin ibili eta hari bere faltak aitortu, halatan ez zen lege naturalean ere zerbait moldez, gogoz eta bihotzez bederen, zerbait seinalerekin konfesatu gabe inor salbatzen. Egia da: ez zen oraino orduan konfesatzeko zeremonia seinalaturik. Hala esaten du san Tomasek (S. Th., 3, 60, 5: 3): –Sicut in statu legis naturae, homines nulla lege exterius data, sed solo interiori instinctu, movebantur ad Deum colendum, ita etiam ex interiori instinctu, determinabatur eis, quibus rebus sensibilibus, ad Dei cultum uterentur. Aski zen barreneko urrikitzea eta urrikitze hura batbederari bere baitan iruditzen zitzaion kanpoko zenbait seinalerekin agertzea eta signifikatzea. Ez zen oraino, orduan, beste konfesatze-molderik eta ez erremedio idatziz ezarririk eta ipinirik. Baina gero, mundua apur bat aitzinago iragan zenean, lege naturaletik irtenik lege idatzira, Moisesen denborara heldu zenean, hasi zen erabiltzen beste konfesatze-molde bat. Ez zen jada orduan aski batbederak bere barreneko damua eta dolorea, gogoko zuen seinalearekin, kanpoan agertzea. Baina behar zuen barreneko dolore hura eta urrikitzea zenbait ofrendaz eta sakrifizioz –eta ez, ez, zeinez nahi zen, baina hartarako idatziz ordenaturik zeudenez– deklaratu eta eman aditzera. Baziren lege zahar idatzian apaizak eta tenpluko kargudunak. Eta pertsona batek bekatu bat egiten zuenean, behar zuen bekatu hargatik, urrikitze batekin eta gehiago ez egiteko borondatearekin, apaiz haien aitzinean egin zenbait ofrenda eta sakrifizio, eta hartan eman aditzera bekatore zela. Hala agintzen zen Lebitikoaren kapitulu batzuetan. Eta, are, haietan seinalatzen ziren bekatuei zegozkien ofrendak eta sakrifizioak (ikus Lb 3, 4, 5 & 6). Ez zen oraino orduan, orain den bezala, inori beregainki bere bekatuak konfesatzeko agindurik eta ez nola, noiz eta zenbat egin zituen esateko premiarik. Aski zen orduan, urrikitze batekin, legeak agintzen zituen ofrendak eta sakrifizioak egitea. Hura zen orduko konfesatze-moldea. Errege Dabidek besteren emaztearekin bekatu egin zuenean eta bekatu hura estaltzeagatik emakume haren senarra hilarazi zuenean, esaten du Glosak haren gainean (glosa liranoa, Psalm. 31): –Ex verecundia enim non aperiebat peccata sua, faciendo pro eis sacrificia in lege praecepta, quae pro variis peccatis, varie imponuntur. Errege Dabidek ahalkez eta bere burua ez nabarmentzeagatik uzten zituen egin gabe haren bekatuentzat ordenaturik zeuden sakrifizioak. Eta ez zituen behin ere egin, Natan profeta mehatxatzera eta erantzuki egitera etorri zitzaion arte. Baina bai orduan, ahalkea garaiturik, egin zituen behar ziren ofrendak eta sakrifizio guztiak, eta gero haiekin batean erdietsi zuen barkamen. Zeren orduan ere, lege zahar idatzian ere egin behar ziren, bekatuak erremediatzeko ordenaturik zeuden ofrendak eta sakrifizioak. Eta hura zen orduko konfesatze-moldea. 1 Orain lege berrion, Ebanjelio santua deklaratuz gero, erabiltzen da kristauen artean beste konfesatze-molde bat, apaizaren aitzinean egiten dena, lege naturalekoa eta idatzizkoa baino seguruagoa, indartsuagoa eta baliotsuagoa, zeren, hitz batez esatera, oraingo konfesatzean obratzen baitu Jesukristo jaunaren heriotzak eta pasioak. Bekatua konfesatzen duzunean eta apaizak absoluzioa ematen dizunean, han da berehala Jesukristoren Pasioko meritua eta balioa, han da berehala haren grazia eta faborea, eta harekin batean bekatuaren barkamena. Bi arrazoi eman daitezke, nagusiki, frogatzeko oraingo konfesatzeak indar gehiago duela lege zaharrekoak baino. Lehenbizikoa: zeren oraingo konfesatzeak, lege zaharrekoak ez zuena, badu bere baitan barrena indar grazia emateko. Lege zaharreko konfesatzeak eta orduko beste sakramentuek ez zuten berek bere indarrez eta bertutez graziarik ematen, baina ematen zuten grazia ematen zuten errezibitzen zituenak zuen disposizioaren, debozioaren eta aparailuaren arabera: Sacramenta veteris legis conferebant gratiam ex opere operantis (san Tomas, S. Th., 3, 62, 6: 5). Nola prestatzen baitziren errezibitzeko, hala errezibitzen zuten. Baina oraingo konfesatzeak eta sakramentuek ematen dute gure disposizioari eta prestatzeari dagokion grazia eta faborea, eta, are gehiago, sakramentuek berek bere baitan dutenetik ere banatzen dute; eta errezibitzen dugu guk ere parte hura, baldin geuk geure aldetik trabarik ipintzen ez badugu: Sacramenta novae legis conferunt gratiam ex opere operato (idem). Bigarren arrazoia eman daiteke frogatzeko oraingo konfesatzeak indar gehiago duela lege zaharrekoak baino: zeren orduko konfesatzean, baldin erdietsiko bazen barkamenik, behar zen dolore fin bat, bihotzezko urrikitze bat, Jainkoa beragatik eta harenganako amodioagatik izana eta hartua, zein deitzen baita contritio, kontrizioa, urrikitze guztien gaineko urrikitzea. Baina oraingo konfesatzean aski da, apaizaren absoluzioarekin batean, kontrizioaz beste dolore-molde bat, paradisuko loria galtzeko edo infernuko penetara joateko beldurretik heldu dena, zein deitzen baita atritio, atrizioa. Ex attrito per sacramentum fit contritus. Aski da oraingo konfesatzean uste izatea baduela kontrizioa. Zeren ez badu ere atrizioa baizik, konplitzen du sakramentuak bitartean den falta eta eskastasuna, zein baita kontsideratzeko puntua eta salbatzeko fabore handia, hain handia ezen arrazoirekin galdegiten baitu Jeremias profetak (Jr 8:22): –Numquid resina non est in Galaad? aut medicus non est ibi? Quare igitur non est obducta cicatrix filiae populi mei? Zer da hau? Ez ote da erretxinarik edo atriakarik Galaadeko hirian, edo medikurik han berean? Nolatan, bada, ene herriko alabaren zauria ez da sendatu? Esan nahi du: –Kristau herrian, arimako eritasuna sendatzeko hain erremedio handia eta medizina eskuarra den lekuan –zein baita konfesioa–, eta halaber hainbat barberu eta mediku –zein baitira konfesoreak–, nolatan, guztiarekin ere, aurkitzen da hainbat zauri eta eritasun? Hainbat bekatu eta gaiztakeria? Eta nolatan ez dira azkarrago sendatzen? Urte guztian, eta batzuetan gehiago ere, bekatuaren eritasunean ustelduak eta kirastuak baitaude. Ihardesten du Glosak (glosa liranoa, Jerem. 8): –Populus nolebat audire medicum, nec recipere medicinam. Ez dira sendatzen, zeren ez baitira saiatzen, ez baitira medikuagana kontseilatzera eta medizina errezibitzera joaten. Esan nahi du: –Ez baitira behar bezala konfesatzen eta ez konfesoreagana hurbiltzen. Arimako eritasunetik sendatzeko erremedioa da konfesatzea. –Ontzia galduz gero, zer erremedio izango du marinelak salbatzeko? –Zur-puska bati lotzea, taula bat edo ohol bat atrapatzea eta, harekin batean, hari datxekiola, igerian kosta irabaztea. Poenitentia est secunda post naufragium tabula (Hugo San Victor, Summa Sententiarum, 10. kap. : De poenitentia): Ontzia galdu ondoan atrapatzen den taula haren pare da bekatutan erori eta tormentatu denarentzat konfesatzea. –Si poenitentiam non egeritis omnes simul peribitis –dio san Lukas ebanjelariak (Lk 13:5)–. Baldin egiten ez baduzue penitentzia, guztiok fin gaitz elkarrekin egingo duzue. Bada, penitentziaren parteetatik bat da konfesatzea; beraz, ez fin gaitz egiteko behar da konfesatu. Bekatua da arimaren zauria eta handitsua. Eta handitsua irazten denean eta kanpora lehertzen, esperantza da sendatuko dela. Baina barrenean gelditzen denean eta gogortzen, arriskutsu da. Hala izango da, bada, halaber arriskutsu, konfesatu gabe barrenean gelditzen eta gogortzen den bekatua ere. Halatan galdegiten du, eta ihardesten ere bai, san Gregoriok (in Evangelia, 40. hom., Luc. 16, 2): –Quid est peccatorum confessio, nisi quaedam vulneris ruptio? Et confitendo peccata quid facimus, nisi malum quod intus latebat aperimus? Zer da bekatuak konfesatzea, zauria edo handitsua lehertzea baizik? Eta zer egiten dugu bekatua konfesatzeaz, barrenean estalirik zegoen gaitza eta eritasuna agertzea baizik? Bekatutan eroriz gero, lehenbiziko erremedioa konfesatzea da. Zeren ezin dateke kontriziorik eta ez behar den beste urrikitzerik konfesatu gabe, edo, ezin konfesa daitekeenean, konfesatzeko borondatea gabe. Hala esaten du san Agustinek (Ioannis Evang., 12, 13): –Initium operum bonorum, confessio est operum malorum. Obra onak hastea obra gaiztoak konfesatzea da. 2 –Obra onak hastea baldin bada obra gaiztoak konfesatzea, konfesatze hau nola edo zer moldez egin behar ote da? Galdegiozu Jeremias profetari. Zeren hark Jerusalemeko hiriaren gainean egin zituen negarren, auhenen eta dolamenen bigarren kapituluan erakusten du, esaten duela (Nk 2:19): –Effunde cor tuum sicut aquam in conspectu Domini. Isur ezazu zeure bihotza, ura bezala, Jainkoaren aitzinean. Esan nahi du, lehen eginen urrikitzearekin eta gehiago ez egiteko borondatearekin, Jainkoak bere lekuan ipinirik daukan konfesorearen aurrean konfesa, egotz, afen eta isur ditzazula egin, esan eta pentsatu dituzun bekatu guztiak. Ez du esaten isur ditzazula zeure bekatuak olioa bezala, eztia bezala edo ardoa bezala. Nola bada? Sicut aquam, ura bezala. Zeren ez da janaririk eta ez edaririk ura bezain garbiki eta osoki husten, isurtzen eta xukatzen denik. Eztia husten duzunean, edo olioa, gelditzen zaio betiere ontziari zenbait hondar edo kutsu. Ardoa husten duzunean ere, ahal guztia xukatuagatik, gelditzen da usaina bederen. Baina uretik ez da gelditzen kutsurik eta ez usainik. Alde guztiz husten, xukatzen eta garbitzen da. Hala, bada, guk ere geure bekatuak konfesatzen ditugunean, behar dugu geure gogoa eta bihotza intentzio gaizto guztietatik alde guztiz hustu, xukatu, garbitu; eta halatan, ura egon den ontzia bezala, batere hondarrik, kutsurik eta bekatuaren usainik eta urrinik gabe gelditu. Ordea, honela konfesatze hau zenbatetan egin behar ote da? Aski ote da, gerorako luzaturik, urtean behin konfesatzea? Nola konfesatzeko agindu hau Jainkoak berak emana baita, konplitu behar da, noiz izango baita ere, noizbait. Eta hala heriotzako orenean, edo dakusagunean, uzten badugu eskuen artean dugun okasioa iragaten, ez gaitezkeela sekulan konfesa, orduan, Jainkoaren agindua konplitzeagatik ere, behar dugu konfesatu. Ordea, zeren baitirudi ezen konfesatzeko agindu hau gure Jainkoak eman zuenean izan zuela intentzio eta borondate konfesa gintezen zenbait aldiz, heriotzako arriskuan ez ginenean ere, zeren konfesatzetik anitz ontasun sortzen baita, halatan Elizak eduki du betiere puntu honetaz kontu, eta ordenatu du diferenteki –denboren diferentzien arabera– noiz eta zenbatetan behar dugun, heriotzako puntuan edo arriskuan ez egonagatik ere, konfesatu. Lehenago, Apostoluen denboran, eta oraino Apostoluak hilez gero ere, lehenbizi berri hartan hain zen debozioa handi eta bero, ezen egunero gorputz santua errezibitzen baitzuten, eta hartarako, bekaturik zutenak egunero, halaber, konfesatzen baitziren. Ordea, nola gero, ondoan, debozioa hozten hasi baitzen, agindu zuen Fabiano aita santuak, maizago izango ez bazen ere, urtean hirutan –pazkoz, mendekostez eta eguberriz– konfesaturik gorputz santua errezibi genezala. Eta azkenean hain hoztu edo iraungi zen debozioa, non Inozentzio, izen honetako hirugarren aita santuak agindu behar izan baitzuen urtean behin bederen konfesa gintezela, eta errezibi gorputz santua pazko garizumakoz. Eta hala, orain, heriotzako arriskurik ez izanagatik ere, obligatuak gara urtean behin konfesatzera. Eta urtean behin konfesatze hau egin ohi da, eskuarki, pazko garizumakoz, zeren orduan errezibitu behar baita gorputz santua, eta gorputz santua errezibituko duenak, baldin badu bekaturik, lehenik behar baitu konfesatu. Ordea, nor izango da urtean behin baizik konfesatuko ez dena? Urte batez, osoki, bere kontzientzia bisitatu gabe eta nola daukan hauteman gabe pairatuko duena? Esango duzu: –Elizak ez dit agintzen urtean behin baizik konfesa nadila, eta ni konfesatzen naiz hainbestetan. Beraz, ez naiz gaitz esateko gehiagotan ez eginagatik ere. Bada, ordea, gaitz esateko zara. Zeren, egia da, ez dizu Elizak agintzen gehiagotan; ordea, ez dizu debekatzen ere. Aitzitik, nahi luke gehiagotan konfesa zintezen. Eta halatan esaten du (Trentoko Kontzilioa, XIV. sesioa, 5. kap. ): –Saltem semel in anno. Urtean behin bederen. «Bederen» esaten du, aditzera emateagatik nahi lukeela gehiagotan ere konfesa gintezen, zeren anitz eta handiak baitira maiz konfesatzetik heldu diren probetxuak eta irabaziak, eta bai, halaber, gutxitan egitetik sortzen diren damuak eta kalteak ere, hurrengo kapituluan ageriko den bezala. LII MAIZ KONFESATZEAZ ETA HANDIK HELDU DEN PROBETXUAZ Nola anitz pertsona baita konfesatzera herabe duenik, nagi eta loti denik, halakoak iratzartzeko nahi nuke kapitulu honetan eman zenbait arrazoi, eta erakutsi zenbat probetxu dakarren maiz konfesatzeak, eta kalte, gutxitan egiteak, haiek kontsideraturik batbedera maiz konfesatzera eta bere eginbidea egitera erna dadin. 1. Lehenbiziko arrazoia. Maiz behar da konfesatu, zeren konfesatzeak ematen dio bekatutan dagoenari bere bekatuen barkamena, graziarik ez duenari grazia, eta grazia duenari eta santu denari berretzen dio, eta handitzen, bere lehengo grazia eta santutasuna. Ordea, esango du hemen zenbaitek: –Nolatan ahal dateke hori horrela? Nolatan konfesatzeak berret dezake, eta handi, lehengo grazia eta santutasuna? Zeren konfesatzera heldu dena bekatutan dago, zeren hala ez balego, ez luke zer konfesaturik. Beraz, ez zuen lehen graziarik eta ez santutasunik, eta baldin ez bazuen, esan daiteke konfesatzeak ematen diola grazia. Baina ezin esan daiteke berretzen diola. Bada, ordea, esan daiteke berretzen diola, eta esan ere ongi eta egiazki. Zeren anitz etortzen da konfesatzera bekatu mortalik gabe, eta bekatu mortalik ez duena Jainkoaren grazian dago. Anitz pertsona prestu, anitz jende deboto eta santu aurkitzen da munduan, eta haiek maiz konfesatzen dira. Zeren bekatu mortalik ez izanagatik ere, badute zenbait benial, eta benialak aski dira konfesatzeko. Eta nola benialak aski baitira, eta baitakusate ezen konfesatzeak, trabarik ez denean, eratxikitzen diola betiere zenbait gradu lehengo graziari, halatan, berretura hura eta benialen ere barkamena erdietsi nahirik konfesatzen dira hain maiz. Eta ongi egiten dute hala egiteaz, zeren hain da gauza handia eta estimatzekoa konfesatzeaz erdiesten den grazia edo graziaren berretura, non hartatik den gradurik ttipienak ere mundu guztiak baino gehiago balio baitu; eta beste munduan ere, hemendik grazia gehiago eramaten duenari loria gehiago emango baitzaio. Beraz, maiz behar da konfesatu. 2. Are gehiago: maiz behar da konfesatu –bigarren arrazoia–, zeren maiz konfesatzeak arintzen, gutxitzen eta laburtzen du purgatorioetako pena, eta pena haietan egon behar den denbora. Konfesatzen denari, konfesatzen den guztiaz ongi konfesatzen bada, barkatzen zaio eta gutxitzen bere zor duen penatik parte bat. Eta hain maiz konfesa daiteke eta hain ongi, non, guztia ordaindurik, hartzekodun ere gerta baitaiteke, lehenagoko santu handi maiz konfesatzen ziren haiek gertatu ziren bezala. Eta purgatorioetako penen bortiztasuna kontsideratzen duenak, eta han iragan behar diren pena haiek maiz konfesatzeaz arintzen direla dakienak seguru da akusatuko duela bere nagitasuna, eta egiten duen baino maizago konfesatuko dela, zeren mundu honetako pena guztiak, elkarri eratxikirik ere, ez baitira deus purgatorioetan den penarik ttipienarekin konparaturik. Beraz, maiz behar da konfesatu eta, konfesatzeaz, pena haiek iraungitzen eta gutxitzen saiatu. 3. Are gehiago –hirugarren arrazoia–: maiz behar da konfesatu, zeren maiz konfesatzeak haserretzen du Deabrua, eta, are, eroturik eta zoraturik bezala, zer ari den eta zer egin ez dakiela ipintzen du. Bekatuak konfesatu gabe, denbora luzeaz bere baitan barrena gorderik eta estalirik dauzkana baitan esku handia du Deabruak; nagusi da harentzat. Baina egin eta berehala agertzen eta konfesatzen dituenari beldur zaio, goganbehar zaio, ez zaio sobera fida. Ikusten duzunean ezen pertsona bat dela erasle handi, mintzatzaile, ahozabal, hitz-mizti, eleberriti eta salati, ez diozu halakoari sekreturik fidatzen. Zeren Espiritu Santuak dioen bezala (Si 27:17): –Qui denudat arcana amici, fidem perdit. Adiskidearen sekretuak biluzten, agertzen eta salatzen dituenak galtzen du inork haren baitan ahal dukeen sinestea; ez du merezi inor fida dakion. Hala, bada, Deabruak ere, dakusanean ezen eginarazten dizkizun bekatuak –isil eta sekretu eduki zenitzan nahi bailuke– zuk berehala kanporatzen dituzula, konfesoreari esaten eta agertzen dizkiozula, galtzen du zure baitan zuen sinestea eta konfiantza. Ikusirik ezen, haren irudiz, hitz-mizti eta salati zarela, uzten zaitu, ez zaitu handik aitzina hainbatetan tentatzen eta ez bekatu egitera narritatzen, zeren berdin baitakusa ez duela probetxurik, hark egiten duen guztia zuk berehala konfesorearen aurrean desegiten duzula. Gutxitan konfesatzen direnak dira Deabruaren gogarakoak. Haiek dira haren zerbitzari finak eta leialak; haiek dira haren sekretarioak, haren bekatu sekretuak sekretuan, denbora luzeaz, edukitzen dituztenak. Bada, halako nagusi gaiztoaren sekretario eta zerbitzari ez izateagatik, hari damu egiteagatik eta gure baitan ahal dukeen konfiantza ere galdurik utz gaitzan, behar da lehen baino lehen, behar da maiz konfesatu. 4. Are gehiago –laugarren arrazoia–: behar da maiz konfesatu, zeren maiz konfesatzen dena baitan ez dira bekatuak hala gogortzen eta ez finkatzen, ez dira hala erroztatzen eta ez hain barrena sartzen. Esango duzu: –Jende batzuk konfesatzen dira maiz, eta bai, halaber, maiz ere lehengo bekatuetara bihurtzen. Eror eta jaiki dabiltza; garbitu bezain azkar likisten dira. Zer probetxu da, bada, halako konfesatzeaz, jaikitzeaz eta garbitzeaz? Zer probetxu den? Bada, bai, probetxu. Zeren baldin maiz erortzen badira, halaber maiz jaikitzen dira; baldin maiz egiten badute bekatu, halaber maiz erremediatzen dute. Eta erremediatu duten bitarte hartan, jaikiak eta garbituak daudenean dei ditzake Jainkoak, hil daitezke orduan, eta bai halaber halatan salba ere. Eta hala, batean eror eta bestean jaiki dabilenak arrisku badu ere galtzeko, ez ordea hainbat nola betiere eroririk datzanak. Egia da, ordea: konfesatzen zarenean, behar duzu ez berriz bihurtzeko borondatearekin konfesatu. Baina hala konfesaturik ere, zure libertatea eta ahultasuna dela kausa, bekatu egitera berriz bihurtzen bazara ere, behar duzu halaber berriz konfesatzera bihurtu. Zeren halatan ez zara hala bekatutan gogortuko eta ez axolagabetuko. Maiz biluzten eta erabiltzen den ezpata prest da, manukor da. Baina gutxitan dabilena, zokoan datzana, herdoiltzen da, maginarekin josten bezala da, gakoaz dagoela esaten da; halako moldez, non gero, haren beharra duzunean, ezin ateraz zabiltzala etsaiak zutaz nahi duena egin baitezake. Hala gertatzen zaio, bada, denbora luzeaz konfesatu gabe, bekatutan herdoildua eta gogortua dagoenari ere. Etortzen zaio eritasuna, hurbiltzen zaio heriotza, batzen da etsaiarekin, eta gero, nola ez baitago ohitua eta ez prestatua, prestatzen den bitartean egiten du etsaiak hartaz nahi duena. Esaten du errege profeta Dabidek (Sal 76:7): –Et meditatus sum nocte cum corde meo, et exercitabar, et scopebam spiritum meum. Gauaz egiten nituen neure buruarekin neure gogoetak eta kontuak, eta gero isatsaz iragaten nuen neure kontzientzia. Bada, nola isatsaz maiz iragaten den etxea erraz baita garbitzen, zeren hark fits-mits eta likiskeria gutxi baitu, baina urtean behin baizik garbitzen ez dena neke baita eta gaitz, zeren hark errautsa eta amarauna lodi baitu, hala, molde berean, maiz konfesatzen dena erraz bezala, gutxitan egiten dena ere da neke eta gaitz, zeren hari denbora luzean anitz likiskeria eta bekatu lotzen baitzaio. Beraz, maiz behar da garbitu, maiz behar da konfesatu. 5. Are gehiago –bosgarren arrazoia–: maiz behar da konfesatu, zeren bekaturik gabe zeundenean egin zenituen obra onak –zein baitziren obra biziak, eta gero, bekatu egiteaz, hildu eta iraungi bezala zirenak– konfesatzeaz pizten eta berreskuratzen baitira. Eta puntu hau hobeki aditzeko, jakin behar duzue ezen lau obra-molde, lau obra-suerte aurkitzen direla, orain gure konturako ongi heldu direnak. Lehenbizikoak dira opera viva, obra biziak, bekaturik gabe zeundenean egin zenituen obra onak. Bigarrenak dira opera mortifera, obra hiltzaileak, arima hiltzen eta erailtzen dutenak, zein baitira bekatu mortalak. Hirugarrenak dira opera mortificata, obra hilduak, hilduratuak, lokartuak. Zeren bekatu mortal bat egiten duzunean, gelditzen dira lehen bekaturik gabe zeundenean egin zenituen obra on guztiak hilduak, hebainduak eta zeruko loriara zeramaten bidetik eta abiaduratik gibelatuak eta trabatuak. Bada, obra hildu, hebaindu, lokartu eta trabatu haiek libratzen, pizten, iratzartzen eta eraberritzen dira konfesatzeaz, zeren konfesatzeak kentzen baitu haiekin aitzinean zegoen traba, zein baita bekatua. Laugarren obrak dira opera mortua, obra hilak. Eta hauek dira bekatu mortalean zaudela egiten dituzun obra onak. Bekatutan zaudenean barautzen zara, otoitzetan egoten zara, erromerian ibiltzen zara, beharrekiko miserikordioso gertatzen zara, eta anitz beste obra miserikordiazkotan enplegatzen zara. Eta hauek guztiok, bere egitez eta izanez, obra onak dira. Ordea, nola pertsona hilak ezin egin baitezake obra bizirik, eta zu orduan zeure ariman hila baitzaude, halatan zure orduko obra on haiek ere dira hilak eta deus gutxi balio dutenak. Eta hala, errukarri da bekatorea bere alfer lanagatik ere, zeren bekatutan dagoenean, anitz obra on egiten duelarik, zeren bekatutan dagoela egiten dituen, ez baitzaizkio kasik deus baliatzen. Konfesa bedi, beraz, batbedera bekatua egin duen bezain bizkor. Zeren bestela, bekatutan dagoeno egiten dituen obra on guztiak galtzen ditu; eta are, lehengoak ere, bekaturik gabe zegoenean egiten zituenak ere hilduak eta trabatuak edukitzen ditu. Ordea, benturaz, esango du orain hemen zenbaitek: –Beraz, halatan, bekatutan nagoenean, ez dut zer barauturik, otoitzetan egonik eta ez beste obra onetan ere zer enplegaturik, zeren, berdin, orduko obra on haiek ez baitute orduan deus balio. Bada, ordea, orduan ere zerbait balio dute, eta on da bekatutan zaudenean ere ongi egitea eta obra onetan enplegatzea. Zeren, egia da, orduko obra on haiek ez dute zeruko loria erdiesteko orduan deus balio, ez dute hartarako berek indarrik aski. Eta hala, haiengatik, baldin orduan hil bazintez, infernura zindoazke. Bai, ordea, balio dute beste anitz gauzatarako: balio dute munduko on tenporalak erdiesteko, graziaren bidean eta disposizioan jartzeko, bekatu gutxiago egiteko eta ohitura ona ere hartzeko. Eta hau da san Tomasek esaten duena (Scriptum super Sententiis, 4, 14, 4 & 15, 1, 3 ): –Opera extra charitatem facta, ex condigno nullius boni meritoria sunt, ex congruo vero alicuius dici possunt […] Quia decet divinam bonitatem, ut ubicumque dispositionem invenit, perfectionem adjiciat […] Et secundum hoc, opera ista, ad triplex bonum valent; scilicet, ad consecutionem temporalium, ad dispositionem ad gratiam, et assuefactionem bonorum operum. Bekatoreak bekatutan dagoenean egiten dituen obra onek balio ez badute ere deus zeruko loria erdiesteko, eta obra on haiengatik bekatore hark Jainkoarekiko buruperik ezin baduke ere –zeren obra on haiek bere baitan hilak baitira, ez baitira deusen merezidun–, ordea, badirudi ezen Jainkoak, bere ontasunagatik, haietatik okasio hartzeko duela hala obra onetan dabilenari, bekatore izanagatik ere, ongi egiteko, eskua emateko eta bide onera heltzeko eskas zaiona konplitzeko, zeren bekatorea bera ere orduan hartara disposatzen eta saiatzen baita. Beraz, nolanahi den dela, bekatutan egonagatik ere, egizu ongi, ez ditzazula hargatik zeure obligazioak eta debozioak utz. Zeren uzten ez dituzun denboran, aldez edo moldez betiere zerbait baliatuko zaizkizu. Ez, ordea, konfesaturik egingo bazenitu bezainbat. Eta hala, hobe da betiere ahalik eta gutxien bekatutan egotea eta maiz konfesatzea. 6. Are gehiago –seigarren arrazoia–: behar da maiz konfesatu, zeren urtean behin baizik konfesatzen ez denak badirudi bortxaz egiten duela, eta halakoaren konfesatzeak deus gutxi balio duela. Eskuarki, bekatorea bekatu egin berrian beldurrago, sentikorrago eta arduratsuago da handik urte baten edo biren buruan baino. Bekatu bat egiten duzunean, ahal balitz oren berean behar zenuke konfesatu. Zeren baldin luzatzen baduzu, ahanzteko arriskutan jartzen zara, eta, ahanztea ahanzte delarik, besterik ere zenbait lotuko zaizu. Hala esaten du san Gregoriok (De poenitentia non differenda, 13. hom. & Moralia, XXV, 9. k.): –Peccatum quod mox per poenitentiam non diluitur, suo pondere aliud trahit. Galdegin bazeniezaio denbora luzea duela eri den pertsona bati ea nolatan ez den sendatzen, eta ihardets baliezazu medizina bat hartu nahi gabez eta medikuagana joan nahi gabez ez dela sendatzen, mirets zenezake, eta arrazoirekin esan zeniezaioke eroa dela. Hala da, bada, eroa konfesoreagana, arimako medikuagana joan nahi gabez, urte guztian, hain denbora luzean, garizumaraino arimako eritasunarekin dagoena ere. Buruko min batek, sukar batek edo beste eritasun batek hartzen zaituenean, berehala, lehen baino lehen erremedio bilatzen duzu, medikurik hoberena deitzen duzu. Zergatik, bada, gorputzeko eritasunagatik egiten duzuna ez duzu arimakoagatik egingo? Zorrak dituenak, baldin prestu bada, atsegin hartzen du haiek ordaintzeaz, eta ahalik eta azkarren ordaintzen ditu. Bada, bekatuak dira zorrak, eta halatan egiten diogu egun guztiaz Jainkoari otoitz barka diezazkigun (Mt 6:12): –Dimitte nobis debita nostra. Bada, nola bere nagusiari kontuak ongi eman nahi dizkion mutila ez baita urtearen bururaino kontuak ikusi gabe eta bere nagusiarekin mintzatu gabe egoten, hala guk ere, baldin geure arimako kontuak eman nahi baditugu ongi eta zorrak ordaindu, ez dugu urte guztian, garizumaraino, konfesatu gabe egon behar. Zeren konfesatzea da Jainkoarekin mintzatzea, kontuak egitea eta ordaintzeko bidean jartzea. Eta zuk esanagatik garizuman konfesatuko zarela, orduan kontuak egingo eta zorrak ordainduko dituzula, engaina zintezke. Zeren, zer dakizu iraungo duzun garizumaraino? Jainkoak prometatzen dizu zeure bekatuen barkamena ongi konfesatzen zarenean, noiznahi den dela, garizumaren amaieran bada ere. Ez, ordea, ez dizu prometatzen eta ez segurantzarik ematen itxarongo dizula garizumaraino. Gauza izugarria da eta erokeria guztien gaineko erokeria, bekatu mortalean dagoela, gaua iragatera benturatzea, zeren anitz joaten baita arratsean sendorik ohera eta gero ez baita goizean bizirik jaikitzen. –Qui amat periculum, peribit in illo (Si 3:27). Arriskuan ibili nahi duena arriskuan galduko da. Beraz, seguruan jokatzeko, ez urtearen bururaino bekatutan egon, ez haietan sosega; lehen baino lehen, azkar eta maiz konfesa. 7. Azkenik –zazpigarren arrazoia–, maiz behar da konfesatu, zeren maiz konfesatzeaz, besteak beste direla, aisia handi bat emango diozu zeure buruari. Gutxitan konfesatzen denari gaitzi zaio konfesatzea; ahalke da halakoa, beldur da, herstura handitan aurkitzen da. Halakoak egunetik egunera, garizumaren hastetik bukatzera, bukatzetik pazko zaharrera, azken epera luzatzen du eta, batzuetan, epe hura ere iragaten uzten du. Eta hala gertatzen zaio halakoari eritzen denean ere: orduan ere luzatzen du. Noiz beharko duen Jainkoak erakutsiko diola, oraino bihotz on duela, apur bat utz dezatela esaten du. Eta gero, hala dabilela, maiz gertatzen dena, konfesatu gabe hiltzen da. Gutxitan orrazten denak lehenbiziko orraztaldian orrazia nekez iragaten du, min hartzen du, zeren ileak nahasiak eta izurtuak baitaude. Baina maiz orrazten denak ez du trabarik aurkitzen, ez du minik hartzen, hura aiseki orrazten da buruan. Hala orrazten da, bada, halaber aiseki bere ariman, urtean lau edo bostetan konfesatzen dena ere: guztiez oroitzen da, guztiez akusatzen da, ez du trabarik aurkitzen eta ez minik hartzen. Entzutea bera pertsona bat maiz konfesatzen dela, aski da prestu dela esateko; eta bai, halaber, gutxitan konfesatzen dela jakitea, ez dela sobera deboto sinesteko. Bada, nork ere bere arimaz kontu ona eman nahi baitu eta, bere bekatu iraganez barkamen erdietsirik, aitzinera gehiago egin gabe egoteko indar hartu, maiz konfesa bedi; gerotik gerora, egunetik biharrera luzatu gabe, urteko festaburuetan bederen, Jainkoarekin mintza bedi; kontutan jar bedi. Zeren, halatan, emango du orain presenteon kontu ona, eta gero azken finean erdietsiko du bere arimaren salbazioa. LIII NOLA GEROTIK GERORA LUZAMENDUTAN DABILENAK EGITEN DION BIDEGABE JAINKOARI Esaten du san Tomas doktore handi hark (S. Th., 3, 1, 3): –Si homo non peccasset Deus incarnatus non fuisset. Baldin gizonak bekaturik egin ez balu, ez zen Jainkoa gizon egingo. Eta ageri da ezetz zeren, gizon eginez gero, betiere bekatoreekin ibiltzen zen, haiekin solastatzen, haiekin jaten eta edaten zuen, haiekin zuen laket, hain laket ezen, gehiegikeria iruditurik, gaizki aipatzen baitzuten eskriba fariseuek, esaten zutela (Lk 15:2): –Hic peccatores recipit et manducat cum illis. Zer da hau? Gehiegikeriak dira hauek; bekatoreekin, jende galdu kontzientzia gabekoekin dabil, ez du inorekin ere besterekin onik. Eta hainbat mintzo ziren ezen, azkenean, konparazio batzuk ipinirik ihardetsi behar izan baitzien, esaten zuela (Lk 15:4-7): –Zuek diozue ezen bekatoreekin nabilela, haiekin jaten eta edaten dudala, ene jendeak haiek direla. Eta ongi diozue, aitortzen dut, zeren hala baita. Baina ez dezazuela mirets zeren, nola ehun ardi dituen artzaina, ehun haietatik bat errebelatzen zaionean, joaten baita laurogeita hemeretziak utzirik errebelatuaren bila, eta hura aurkitzeaz atseginago hartzen baitu beste guztiak ikusteaz baino, hala jakizue ezen atseginago hartzen dela zeruan ere penitentzia egiten duen bekatore batez, laurogeita hemeretzi justu penitentziaren premiarik ez dutenez baino, zeren hura baita ardi errebelatua aurkitzea. Hala esaten du san Lukas ebanjelariak (Lk 15:7): –Gaudium erit in coelo super uno peccatore poenitentiam agente, quam super nonaginta novem justis, qui non indigent poenitentia. Halaber, nola hamar erreal dituen emakume batek haietatik bat galtzen duenean, argia irazekirik, iraultzen baitu etxe guztia, eta gero, aurkitzen duenean, alaitzen baita eta kontatzen baitie bere auzokoei bere sendagaila, eta esaten egin diezazkiotela bozkarioak (Lk 15:8-10), hala jakizue ezen zeruko aingeruak ere alaitzen direla bekatore baten konbertitzeaz, erreal galdua aurkitzeaz. Konparazio hauetan ematen da aditzera handia dela gure Jaungoikoak gu salbatzeko duen desira eta hartan hartzen duen atsegina eta plazera, zeren esaten baitu poztasun gehiago duela bekatore baten penitentziaz, laurogeita hemeretzi justuren justutasunaz baino. 1 Seguru da abantaila eramaten diola justuak bekatoreari, garbiak likitsari, eta hobe dela arropa osoa, zahar petatxatua baino. Nolatan esaten da, bada, guztiarekin ere atseginago duela Jainkoak bekatorearen penitentziaz, justuaren justutasunaz baino? Ihardesten du san Tomasek (S. Th., 1, 20, 4: 5): –Coeteris paribus innocentia dignior est et magis dilecta. Dicitur tamen plus gaudere de poenitente quam de innocente quia plerumque poenitentes cautiores, humiliores et ferventiores resurgunt. Hainbatik hainbatean, hobe da hobengabetasuna eta behin ere likistu gabe egotea, likistu ondoko garbitasuna baino. Ordea, guztiarekin ere, esaten du gure Jainkoak atseginago duela bekatore konbertituaz, penitentziaz garbituaz eta eroriz gero jaiki denaz, behin ere erori ez denaz baino, zeren eskuarki halakoa zinezago bermatzen eta enplegatzen baita, betiere justu izan dena baino. Bekaturik egin ez duena ez da deusen beldur, baina bai penitentzia egiten eta bere bekatuak erremediatzen ari dena; hura beldur da, zinez bermatzen da, beroki maneiatzen da eta, hala maneiatuz, iragaten da anitzetan ere lehen justu izan dena baino aitzinago. Hala iragan ziren jondoni Paulo bat, Magdalena bat eta besterik anitz, eta egin ziren, beti justu eta santu izan ziren batzuk baino justuago eta santuago. Hainbatik hainbatean –caeteris paribus–, hobe da arropa osoa, petatxatua baino. Ordea, halako petatxua, apaindura eta berretura eman dakioke, non gero berretura hark eta petatxuak arropa oso berriak baino gehiago balio bailuke. Honen arauaz esaten du san Gregoriok (Evangelia, 34. hom., 4): –Dux in praelio eum militem plus diligit, qui, post fugam conversus, fortiter hostem premit, quam qui numquam fugit, nec unquam fortiter fecit. Et agricola eam terram plus amat, quae post spinas uberes fructus profert quam eam, quae numquam spinas habuit et numquam fertilem fructum producit. Kapitain batek estimatzenago du, gerlatik ihes egin ondoan, bihurturik, balentria handiak egiten dituen soldadua, behin ere ihesik egin ez duena eta balentriarik ere egiten ez duena baino. Halaber, laborari batek ere nahiago eta maiteago du anitz belar gaizto izan duen lurra eta gero haietatik garbitu ondoan fruitu anitz ekartzen duena, behin ere belar gaiztorik izan ez duena eta fruiturik ere ematen ez duena baino. Hala, bada, gure Jaungoikoak ere du maiteago, bekatu egin ondoan beroki eta bikoiztuki obra onetan enplegatzen dena, bekaturik egin ez duena eta obra onak ere hozki, epelki eta laxoki egiten dituena baino. Eta esaten du maiteago duela halako bekatorea, hala zinki eta finki penitentzia egiten duena, beste moldezko laurogeita hemeretzi justuak baino, zeren lehen gaizto eta bekatore zen hura egiten baita azkenean, penitentziarekin batean, justuago eta santuago beti justu eta santu izan diren haiek baino. 2 Are gehiago: maiteago eta estimatzenago du Jainkoak penitentzia egiten duen bekatorea, penitentziaren premiarik ez duen justua baino, zeren arriskuan eta galdu-gordean ibili diren gauzak aurkitzeaz atseginago hartzen baitugu, betiere seguruan eta arrisku gabe egon direnak ikusteaz baino. Gerlaren ondoan estimatzen da bakea; tormenta iragan denean, prezatzen da denbora ederra; eritasuna joan denean, edukitzen da ezertan osasuna. Eta zenbatenaz eta gerla, tormenta eta eritasuna izan baitira handiago eta arriskutsuago, hainbatenaz gero ondoko bakea, denbora ederra eta osasuna ere dira prezatzenago, estimatzenago. Zer nahi duzu gehiago? Dio san Agustinek (Confessiones, VIII, 3. k., 7): –Edendi et bibendi voluptas nulla est, nisi praecedat esuriendi et sitiendi molestia. Et ebriosi quaedam salsiuscula comedunt, quo fiat molestior ardor, quem cum extinguit potatio, fiat delectatio. Et institutum est, ut iam pactae sponsae non tradatur statim, ne vilem habeat maritus quam non suspiraverit dilatam. Baldin plazera plazer eta atsegina atsegin izango bada, behar da aitzinetik apur bat bederen nekatu eta unatu. Jakingo bada zer den plazera, frogatu behar da lehenik zer den atsekabea. Gaitzen berririk ez dakienak ez du ontasuna estimatzen. Loan ez da gozorik logale ez denean, eta ez jan-edanean ere asea dagoenean. Eta halatan, edale on batzuek bilatzen dituzte bianda gaziak egarria pizteko eta, pizturik, edatean plazer gehiago hartzeko. Halatan ordenatu zen, halaber, ez zekiola senar berriari berehala, lehenbiziko gutiziamenduan edo aipamenean, bere emaztea eman, nekez izana hobeki estima zezan edo azkar izana arbuia ez zezan. Artzaina alaitzenago da ardi errebelatu bat aurkitzeaz, artalde osoa larre onean alha dela jakiteaz baino. Aita batek atseginago hartzen du denbora luzeaz mututurik egon den semearen ahotik hitz bat entzuteaz, beste seme guztiak ederki mintzatzen direla aditzeaz baino. Halatan, bere azienda-partea jan-edanean eta emakumetan gastaturik, galdua eta desegina bihurtu zen semeari egin zion bere aitak festa gehiago, betiere etxean bere mendeko egon zitzaionari baino, zeren etxekoa betiere seguruan ikusten baitzuen, baina bestea, galdutzat zeukana, berreskuratu baitzuen. Hala da, bada, eta halatan gure Jaungoikoak ere hartzen du hainbat atsegin eta plazer bekatorearen penitentziaz, zeren galduz gero edireten baita, eta bai arrisku handitik ere ilkitzen eta ihes egiten. 3 Bekatorearen penitentziaz atsegin handia hartzen du gure Jaungoikoak; eta atsegin hartze hau guztiau eragiten dio bekatoreagana daukan amodioak. Eta Terentziok dioen bezala (Andria, 3. at., 555. berts. ), Amantium ira, amoris redintegratio est, zinez eta egiaz elkar maite dutenen arteko haserreak eta diferentziak anitzetan ere amodio berregarri eta finkagarri ohi dira, zeren elkarrekin mintzatu gabe eta elkargana gabe egon diren denbora hartan ere elkarganatzeko amodioa eta desira berretzen baitzaie. Hala, bada, gure Jainkoari ere –gure moldera mintzatzera– bekatorea aldendurik dagokion bitarte hartan berretzen zaio bekatore hura bereganatzeko duen desira eta borondatea. Eta badirudi ez duela onik beregana dezakeen arte, zeren bitarte hartan, atera etorririk bezala, beti deiez baitagokio, eta deiez ere luzaro eta behin ere etsi gabe. –Expectat Dominus ut misereatur vestri (Is 30:18). Urte batez, biz eta hamarrez atalondoan itxaroten du. Eta, alabaina, bekatoreak bere burua gor eta sor egiten du, gerorako bere eginbidea luzatzen du. Gauza gaizki egina da eta itsusia adiskideari, deiez dagokizunean, ez ihardestea, atean itxaronaraztea, eta berehala eman dakiokeen erantzuna eta egin dakiokeen zerbitzua gerorako luzatzea. Beraz, zinez izango da gauza gaizki egina eta itsusia hain maite zaituen Jainkoari eta adiskideari, zure penitentzia egiteaz eta bideoneratzeaz hainbat atsegin hartzen duenari eta betiere deitzen zaituela eta zure bila dabilela dakizunari hain kontu gutxi ematea, hainbat itxaronaraztea, gerorako luzatzea, ez berehala ihardestea. Badirudi ezen baldin Jainkoak deusez ere ahal balu damurik, honetaz lukeela. Beraz, honelatan esan behar da handia dela luzapenetan dabilen bekatoreak hala ibiltze hartan eta bitarte hartan Jainkoari egiten dion bidegabea; eta halako bidegaberik ez egiteagatik ere, uzteko lituzkeela –eta genituzkeela– luzapenak eta gerotik gerora ibiltzeak. LIV NOLA LUZAMENDUTAN, GEROTIK GERORA DABILENAK EGITEN DIEN BIDEGABE AINGERUEI Esaten du Espiritu Santuak (Es 13:12): –Spes quae differtur affligit animam. Luzatzen den esperantzak nekatzen du gogoa, penatzen du arima. Beraz, handia da halaber, bere arauaz, aingeruei luzamendutan ibiltzeaz egiten diegun bidegabea, zeren desira handi batekin gure penitentziaren eta konbertitzearen beha baitaude, eta berantzeaz damu hartzen baitute. Hala ematen du aditzera san Agustinek (Soliloquia animae ad Deum, 27. kap. ): –Quoties bene agimus gaudent Angeli, et tristantur Daemones: gaudium est enim Angelis super uno poenitentiam agente: sed Diabolo, super uno poenitentiam deserente. Ongi egiten dugun guztiaz alegeratzen dira Aingeruak eta tristatzen Deabruak. Eta esaten denean aingeruak alegeratzen direla eta deabruak tristatzen, aditzen da ezen, geure aldetik denaz bezainbatean, guk alegeratzen ditugula edo tristatzen; eta alegera edo triste ahal balitez, guk egiten ditugun obrek alegera eta trista litzaketela. Zeren beste gainerakoan, aingeruak, nola beti lorian baitaude, ezin trista daitezke, eta ez deabruak ere alegera, zeren haiek ere beti penatan baitira. Esaten du san Tomasek (S. Th., 1, 114, 1): –Daemones propter invidiam, profectum hominum impedire nituntur; et propter superbiam divinae potestatis similitudinem usurpant, deputando sibi ministros, ad hominum impugnationem: sicut et Angeli Deo ministrant, in determinatis officiis, ad hominum salutem. Badakigu baduela gutarik batbederak, Jainkoak emanik, nork bere aingeru begirailea, eta aingeru hark, beste guztien artetik eta gainetik, edukitzen duela bere kargukoaz kontu eta desiratzen duela haren salbazioa. Eta nola Jainkoak ontasunean egiten duena nahi bailuke Deabruak ere gaiztotasunean egin, halatan Luziferrek, deabru buruzagiak eta kapitainak ematen du halaber zenbait aingeru gaizto eta deabru, tentatzeko eta bekatu eragiteko. Eta hala esan dezakegu ezen, aingeru on bat begiratzeko bezala, badugula halaber gaizto bat ere bere ahalaz gu tentatzeko eta galtzeko; ona Jainkoak emanik, eta gaiztoa Luziferrek igorririk. Eta ezin esan daiteke zein gerla handia duten aingeru haiek biek, onak eta gaiztoak, gure arimaren gainean. Biak bermatzen dira, biak saiatzen dira. Eta zinkienik, heriotzako orenean enplegatzen dira. Zeren orduan dira zinak eta minak, orduan da arimaren gorabehera guztia eta balantza alde batera edo bestera erortzeko puntua eta puntada. Orduan biltzen dira deabruak eta laguntzen diote elkarri, esaten dutela (Sal 70:11): –Deus dereliquit eum, persequimini et comprehendite, quia non est qui eripiat. Utzi du Jainkoak; har dezagun, beraz, guk. Daramagun, zeren gurea da, eta nori berea ezin inork ken diezaioke. Inguratzen dute, tentatzen dute, desesperatzeko puntura ekartzen dute, eta arrisku da zenbait desesperarazten ere baduten. Puntu hartan etortzen zaizkio arima tristeari gogora egundaino egin dituen falta guztiak; eta hainbat eta hain handiak direla ikusirik, bihotza estutzen zaio, hiltzen zaio, eta jartzen da bere buruarekin gogoetan, esaten duela: –Zer izango da orain nitaz? Zer bide hartuko ote dut? Salbatuko ote naiz? Puntuaren latza! Pausuaren gaitza! Egitekoaren handia! Hersturaren hertsia eta izugarria! Zer egingo du orduan arima izu hark? Nor deituko du bere faboretan? Nork eskua emango dio? Nor helduko? Nork lagunduko dio? Nor, bada? Bere Aingeru begirailea. Hark orduan, adiskide onak bezala, laster egiten du, hark eskuei eragiten die, eta inguruneko etsai guztiak, demonio tentatzaileak, alde batera eta bestera bulkatzen ditu. Eta gero esaten dio arimari: –Ea, arima izutua! Bihotz har ezazu! Anima zaitez! Ez zaitezela errenda! Ez dezazula gal esperantza! Zeren zure bekatuak anitz eta handiak badira ere, jakizu ezen Jainkoaren miserikordia are dela handiago, eta Jainkoak nahi duela salba zaitezen; eta faltarik izatekotan, zure aldetik izango dela, eta ez Jainkoarenetik. Orduan, Elizak ere egiten du otoitz, esaten duela (Gregorio I, Antiphonarius, 136 or. ): –Occurrite Angeli Domini, suscipientes animam eius. Ea, zeruko Aingeruak, Jainkoaren aitzinean zaudetenak! Orain da ordua! Laster egizue! Hersturatan dagoen arima honi eskua emaiozue! Hel zakizkiote! Orduan, arima hark bere barren hartan, bere obrekin, berak iharduki behar du. Ez da ahaide-adiskiderik hara heltzen, baina bai Aingeru begirailea. Hark edukitzen dio on; hura dagokio aldakan; hark ez du uzten gorputzean dagoen bitartean. 1 Baldin arima hura ontasunean, fedean eta esperantzan firme egonik eta bere faltak erremediaturik partitzen bada, Jainkoaren grazian dagoela, mundutik, nork esango du zein handia den orduan Aingeru begiraileak hartzen duen atsegina eta plazera? Lehenbizikorik, arima haren ondoan zebiltzan deabruak musikatzen ditu, eskarniatzen ditu, irriz jokatzen ditu. Eta gero, hartzen du arima hura, besarkatzen du, Jainkoaren aurrera eramaten du, esaten diola Jainkoari: –Jauna, hona non den zuk gomendiotan eman zenidan arima! Agindu zenidan begira nezala. Begiratu dut; sendorik eta salburik bihurtzen dizut. Errezibi ezazu, bada, eta emaiozu honi zure loria, eta niri ere neure lanaren saria eta ordaina. Ordea, baldin arima hura ateratzen bada, bekatutan dagoela, gorputzetik, baldin kondenatzen bada, orduan uzten du bere Aingeru begiraileak, aldentzen zaio eta, aldentze hartan, esaten dio: –A, gaiztoa! Ene nekagarria! Ala nik gaizki enplegatu baitut hirekiko denbora! Amaren sabeletik atera hintzen puntutik puntu honetaraino, betiere jarraiki natzain, ez natzain behin ere apartatu. Anitz saio egin dinat hi etsai horretatik begiratzeko eta orain daramanan bide gaiztoa huts eragiteko. Baina alferrik guztiak. Zeren nola baihuen libertatea eta heure burua heure eskuko, hala egin dun heure plazera eta borondatea. Garaitu naun; ez dun nitaz konturik egin; ez haiz nitaz gobernatu. Galdu dinat nik neure lana, eta bai hik ere sekula amaigaberako heure burua. Baldin aingeru hura trista ahal baledi edo ahalke, uste dut ezen arima hura galtzeaz eta etsai gaiztoak daramakiola ikusteaz trista litekeela eta ahalke. Eta badirudi ahalketurik bezala esaten diela bere lagun aingeruei Jeremias profetak Babiloniako hiriaz esan zuena (Jr 51:9): “Curavimus Babilonem”. –Nik egin dut neure aldetik egiteko zen guztia. Galdu da arima hau, eta ez du inork ere nik baino damuago. Berak du, ordea, falta. Ni sinetsi banindu, ez ginen egiteko honetan izango; ez nik izango nuen honenbat damu, eta ez honek ere honenbat kalte eta atsekabe. Ordea, –Zer da hau? Nolatan galdu da arima hau? Ez zuen Jainkoak hau salbatzeagatik odol isuri eta heriotza errezibitu? Eta ez zituen, halaber, eritzen zenerako medizinak eta erremedioak, sakramentu santuak ordenatu? Eta ez zizun zuri ere, Aingeru santua, begiratzeko kargua eman? Nolatan, bada, galdu da? Nolatan kondenatu da? Ihardesten du Aingeruak: –Egiak dira horiek guztiok: ene kargutan zen eta ez zen erremedio eskasik ere. Ordea, ez du deus aprobetxatu, zeren, bataz, eritasuna baitzuen handia eta sendatzeko desira ttipia, eta berriz, bestea, zeren bere fantasiaz eta borondatez gobernatu baita, eta ez ene kontseiluz. Damu hartzeko okasio handia ematen zaio Aingeru begiraileari bere kargutan duena bekatutik ilkitzeko luzapenetan dabilkionean eta, are handiagoa, kondenatzen zaiola dakusanean. Handia da honetan Aingeru begiraileari eta beste aingeru guztiei ere egiten zaien damua eta bidegabea, zeren guztiek gure salbazioa eta lehen baino lehen bekatutatik ilkirik ikustea desiratzen baitute, eta, ilkitzen garela dakusatenean, atsegin hartzen baitute. Beraz, honelatan, hargatik beragatik ere, aingeruei bai atsegin, baina damurik eta atsekaberik ez egiteagatik ere, behar genuke egun beretik, gerorako luzatu gabe, traba guztiak kendurik, salbazioko bidea hartu eta, hartan, gelditzen zaigun geure mende apurra enplegatu. LV NOLA GEROTIK GERORA LUZAMENDUTAN DABILENAK EGITEN DIEN BIDEGABE BERE BURUARI, BERE KRISTAU LAGUNARI ETA BAI MUNDUKO BESTE GAUZA GUZTIEI ERE Baldin luzaro bekatutan egoteaz eta gerotik gerora ibiltzeaz egiten badiegu bidegabe Jainkoari eta aingeruei, seguru da hala-hala egiten diogula geure buruari ere bidegabe, damu eta kalte, zeren baldin orduan hala bekatutan gabiltzanean eta gaudenean hiltzen bagara, sekulako galdu eta penatu behar baikara. Guk dugun etsairik handiena geure burua dugu. Ez digu inork ere hainbat kalte eta bidegabe egiten, nola geuk egiten baitiogu geure buruari. Geuk geure buruak galtzen ditugu, infernura egozten ditugu. Ez dugu inortaz ere hainbat okasio eta arrazoi arranguratzeko, nola geure buruoz. Ez dugu besteri zer aitzakia emanik eta ez zer hoben egotzirik: geureak ditugu faltak. Ez dakit non dugun adimena eta ez zertan pentsatzen dugun, ezen munduan ditugun beste gauza guztiak nahi dugularik izan daitezen onak, gure bizitza bera, gure kontzientzia, gure arima nahi baitugu izan dadin gaizto. –Quid enim est quod vis habere malum? Nihil omnino, non uxorem, non filiam, non servum, non ancillam, non villam, non tunicam, postremo non caligam, et tamen vellis habere malam vitam? Rogo te praepone vitam tuam caligae tuae. Si possent respondere bona tua quibus est plena domus tua quae habere optasti et perdere timuisti, nonne et tibi clarament? Sicut tu nos bona vis habere sic et nos volumus bonum habere dominum. Esadazu, otoi –dio san Agustinek (12. serm., De verbis Domini)–: nahi ote zenuke deus ere gauza gaiztorik? Ez, seguru. Ez duzu nahi emazte gaiztoa, ez seme gaiztoa, ez zerbitzari gaiztoa, ez atorra gaiztoa, eta ez, azkenez goiti, zapata gaiztoa ere. Nolatan, bada, nahi duzu guztien gainetik kontzientzia gaiztoa? Beste gauza guztiak onak, baina zeure burua, zeure bizitza, zeure kontzientzia, zeure arima, gaizto. Baldin zure zapatak eta etxean zeure zerbitzurako dituzun beste gauzak mintza ahal balitez, esan liezazukete: “Zuk nahi duzu gu izan gaitezen onak; hala nahi dugu, bada, guk ere zu izan zaitezen ona. Zuk nahi dituzu zerbitzari onak; hala nahi dugu, bada, guk ere nagusi ona”. Baldin galdegin baliezazute zer den zuk duzun gauzarik maiteena, ihardets zenezake zure bizia dela, zeren biziagatik munduko gauza guztiak utz baititzakezu. Nolatan bada beste gauza guztiak nahi dituzularik onak, nahi duzu zuk duzun gauzarik maiteena izan dadin gaizto? Ezin aurki dezaket beste arrazoirik, Deabruak itsutu eta liluratu zaituela baizik, eta zu zarela jende haietatik, zeinengatik esaten baitu Sofonias profetak (So 1:17): –Ambulaverunt caeci, quia peccaverunt Domino. Itsutuak ibili ziren, zeren bekatutan erori baitziren. Egunetik egunera bekatutatik ateratzeko luzapenetan zabiltzan bitarte hartan, zeure buruaren etsai zara, zeren ongi ahal zinatekeena, zeure faltaz gaizki behar baitzara. Beraz, orduan, hala ibiltzeaz zeure buruari bidegabe egiten diozu, zeren zerorrek zeure burua galtzen baituzu. 1 Bada, halaber, gerotik gerora bekatutan egoteaz bidegabe egiten diozu zeure kristau lagunari ere. Batzuek esaten dute: –Baldin gaizto banaiz, neuretzat naiz gaizto; ez dute ene bekatuek inor infernuratuko, nork bereak jasango ditu. Egia da: nork bereak jasango ditu. Ordea, ez diozu ongi ez zarela zeuretzat baizik gaizto. Zeren, lehenbizikorik, nola ona anitzentzat baita on, hala gaiztoa ere anitzentzat da gaizto. Bigarrena, zeren zeure bizitza gaiztoaz, etsenplu gaiztoa emanez, besteri ere bekatu eragiteko okasio ematen baitiozu. Hala esaten du san Agustinek (46. serm. : De Pastoribus, 9): –Qui in conspectu populi male vivit, quantum in illo est, eum a quo attenditur occidit. Besteren agerrian, jendeek ikusten dutela, gaizki bizitzen denak, bere aldetik denaz bezainbatean, agerrian diren haiek, beha daudenak hiltzen ditu, kaltetu errendatzen ditu. Beraz, zeure bekatuaz egiten diozu zeure buruaz besteri ere kalte eta bidegabe, zeren, anitzetan ere zure bekatuagatik, besteak ere gaztigatzen baititu Jainkoak, ez gaztigu eternalaz, baina bai tenporalaz. Azken batean, ez kristau lagunari berari, baina are munduko beste kreatura arrazoiaz baliatzen ez diren guztiei ere bidegabe egiten diezu bekatutan zauden bitartean. Zeren, lehenbizikorik, etxeko jaunari bidegabe egiteaz eta desohore emateaz etxeko guztiak ukitzen dira, familia guztia desohoratzen da (ikus Nikolas Lirakoa, Glosa liranoa, Deut. 24, super illud: Non occidentur patres pro filiis [Dt 24:16]). Bada, nola bekatutan egoteaz, Jainkoari, mundu guztiko etxeko jaunari eta buruzagiari egiten baitiozu bidegabe eta ematen desohore, eta munduko kreatura guztiak, are harriak ere, etxeko jaun honen familia eta etxetiarrak baitira, hala, zure bekatutan ibiltzeaz guztiak ukitzen dira, guztiek bidegabe errezibitzen dute. Halaber, bekatutan egoteaz bidegabe egiten diezu sentimendurik ez duten kreatura guztiei, zeren guztiak baitira, errege Dabidek dioen bezala (Sal 8:8), zure zerbitzurako ordenatuak eta zure oinen azpirako eginak: –Omnia subiecisti sub pedibus eius. Ordea, ez duzu merezi zerbitzurik bekatutan zauden bitartean. Orduan ez zara jaten duzun ogiaren ere merezidun, zeren orduan bekatuaren zerbitzari eta azpiko baitzara –Omnis qui facit peccatum servus est peccati (Jn 8:34)–, eta munduan den kreaturarik ezdeusena eta ttipiena baino ezdeusago eta ttipiago. Eta ez da arrazoi deusagoak ezdeusagoa zerbitza dezan eta ttipiagoak handiagoa bere azpiko erabil dezan. Halaber, bidegabe egiten diezu munduko kreatura guztiei bekatutan egoteaz, zeren guztiak zure bekatuengatik gaztigatu baititu eta gaztigatzen baititu Jainkoak, hain gaztigatzen ezen esaten baitu doktore batek (P. Lonbardo, Sententiae, IV, 48): –Sol et omnes creaturae propter peccatum hominis, perdiderunt septem partes suarum virtutum. Eguzkiak, ilargiak eta munduko beste kreatura guztiek galdu zuten gizonaren bekatuagatik bere bertutearen eta balioaren zazpigarren zatia eta partea. Eta hala, arrazoirekin arrangura daiteke eta kereila eguzkia bekatoreaz, esaten diola: –Ni hiregatik goibeldu ninduan eta ilundu. Zeren orain argi banaiz ere eta klaru, are lehen ninduan argiago eta klaruago. Halaber, abere adimengabeek ere arrazoirekin esan diezaiokete: –Hiregatik gu dilubio handi hartan, Noeren denborako uholdean, hondatu eta ito gintuan. Bada, lurrak ere egin diezaioke erantzuki, zeren lehen garbi zena, harengatik elorriz, arantzez eta belar gaiztoz bete baitzen, eta bai argaldu eta mehatu ere. Laburbilduz, munduko kreatura guztiek –paretetan josirik dauden harriek ere: Lapis de pariete clamabit et lignum quod inter juncturas aedificiorum est respondebit (Hab 2:11)– eskubide dute eta arrazoi bekatorearen kontra jaikitzeko. Eta hala esaten ere du Espiritu Santuak jaikiko direla azken egunean (Jkd 5:21): –Pugnabit pro eo orbis terrarum contra insensatos. Eta nola orain bekatoreak guztiei egiten baitie gerla, hala orduan bekatoreari ere guztiek pagamendu-ordaina moneta berean bihurtuko diote, eta orain errezibitzen dituzten bidegabe handiez mendeku hartuko dute. Beraz, honelatan, halako egitekotan ez erortzeagatik eta hainbat bidegabe hainbati –Jainkoari, geure buruari, aingeruei, kristau lagunari eta munduko beste kreatura guztiei ere– ez egiteagatik, behar dugu ernatu, abiatu eta, luzapenak utzirik, gero egin behar dena lehen baino lehen egitea, bide onean jartzea eta hartan egotea erabaki. LVI NOLA INFERNUKO PENAK KONTSIDERATZEAK BEHAR DITUEN GEROTIK GERORA IBILTZEKO LUZAMENDUAK LABURTU Nola Jainkoak erakutsi baitzuen bere boterea mundua kreatzean, jakintasuna gobernatzean eta miserikordia erremediatzean, hala erakutsi du, erakusten du eta erakutsiko du bere justizia ere gaztigatzean. Zeren, baldin ez bada arrazoi geldi dadin bertutea ordainketa gabe, ez da arrazoi iragan dadin bekatua ere gaztigu gabe. Hain ongi dagokio gaiztoari infernua, nola onari paradisua. Anitz eta handiak dira –orainokoan ere aditzera eman den bezala– gure gero honek, luzapenetan ibiltzeak egiten dituen damuak eta kalteak. Baina damu guztien gaineko damua, kalterik handiena, galgarriena eta beste guztiak txitzen, iragaten eta ahantzarazten dituena da: egozten baitu amaigabeko gerora, hondar gabeko leizera, sekulako penetara. Etsaigoan zaude, amorantearekin zaude, besteren ondasuna goraturik zaude –zein baitira hiru bekatu-suerte arriskutsuak–, eta benturaz baduzu bekatu horietatik ateratzeko gogo eta borondate. Ordea, noiz? Ez orain, ez egun; bihar, gero. Eta beti gero, beti bihar. Horrela zaudela, eritasunak har, heriotza etor eta infernura joan. Bada, nik ezin aurki dezaket erremedio hobeagorik, atriaka finagorik eta ez medizina seguruagorik gero hau orain oraineratzeko, sendatzeko eta erremediatzeko, gero honek beronek egiten dituen kalteak kontsideratzea baino. Oraren ausikia oraren beraren ileak behar du sendatu. Infernuko sua infernuko suak behar du iraungi. Ez da halako erremediorik ez gero infernuratzeko, nola orain infernuratzea. Gero infernura joan nahi ez duenak orain behar du joan infernura. Orain behar ditu hango penak hemen, hara gabe, kontsideratu, gogoan erabili eta, halatan, handik ihes egin, itzuri eta eskapatu. Esan komuna da ezpatak ezpata sarrarazten duela maginan. Amodioz eta onez onetara ongirik egin nahi ez duenari bortxaz eta gaztiguaren beldurrez eginarazi behar zaio. –Ohoina zerk gibelatzen du, gibelatzen denean, ebastetik? –Ez ahalkeak, ez inorengana daukan amodioak. –Zerk, bada? –Beldurrak. Hala, Jainkoaganako amodioak bekatu egitetik gibelatzen ez duena ere infernuko penen beldurrak gibelatu behar du. Eta hau da egundaino ezkero, gure Jainkoak bekatore bihotz-gogorrari bere gogortasuna hausteko eta beratzeko aurkitu duen erremedio handietatik bat: mehatxatzea, esatea eta gogora ekartzea begira dezala, gaztigu paregabe bat, pena handi izugarri bat harentzat prestatua eta ordenatua dagoela. Halatan, jondoni Joanes Bautistak, zekienak bezala egin zuen puntu honetaz –infernuko penez– bere lehenbiziko predikua, esaten zuela (Lk 3:8 & 10): –Facite fructus dignos poenitentiae. Iam enim securis ad radicem arboris posita est. Omnis arbor quae non facit fructum bonum, excidetur, et in ignem mittetur. Begira ezazue, egizue penitentzia, eta egizue egin dituzuen bekatuen arabera. Fructus dignos poenitentiae. Bekatu handiengatik, penitentzia handia. Zeren jakin behar duzue ezen aizkora zuhaitzaren erroari keinatua dagokiola, eta fruiturik jasaten ez duena ebakia izango dela eta sura egotzia. Hau da jondoni Joanes Bautistaren lehenbiziko predikua. Hau da etorri zenean berarekin ekarri zuen berria. Eta berri honekin, honelako gaztigua –infernuko sua– gaiztoentzat ordenatua zegoela entzutearekin, hain izutu eta ikaratu ziren, ezen presenteko guztiak, are, ziren gaiztoenak ere, etorri baitzitzaizkion galdegitera (Lk 3:10): –Quid faciemus? Zer egingo dugu, bada? Zer izango da gutaz? Nola edo zer moldez eskapatuko gara zuk diozun pena handi haietatik, infernuko sutik? Bada, jondoni Joanes Bautistak, predikari handi hark orduan jende haiei esaten ziena esaten dizuegu guk ere orain zuei. (Egia da: ez hark bezalako santutasunarekin eta ez fintasunarekin, bai, ordea, hark esaten zien egia bera, zeren hark predikatzen zuen legea, fedea eta Jainkoa predikatzen eta idazten dugu guk ere; ez da honetan diferentziarik). Esaten dizuegu guk ere, hark bezala, begira dezazuela, aizkora zuhaitzaren ondoari keinatua dagokiola, heriotzaren sega, onak eta gaiztoak arrontatzeko aihotza zorroztua eta prestatua dagoela. Eta bihia, onak, zeruko bihitegian altxatuko direla, eta lastoa, gaiztoak, infernuko labean, sekula fingabeko, sua datxekiela egongo direla. Hau da egia, eta hauek dira geure Jaungoikoak aitzinetik egiten dizkigun mehatxuak, keinuak eta bere predikariez ematen dizkigun abisuak, hauekin batean izu gaitezen, ikara gaitezen eta, ikaraturik, gero egingo dugula diogun ontasuna presenteon egin dezagun. 1 Egia da: zeruko loriaren esperantzak, hango plazer handi haiek kontsideratzeak alaitzen du kristaua, eta bai prestuki bizitzeko desira batekin ere ipintzen. Baina eskuarki, hobeki ukitzen du batbedera infernuko penen beldurrak, zeruko loriaren esperantzak baino. Ez gaitu sariak eta sariaren esperantzak hala aitzinatzen eta alaitzen, nola gibelatzen eta tristatzen baikaitu gaztiguak eta gaztiguaren beldurrak. Honen arauaz esaten du san Krisostomok (2. hom., 2 Epist. ad Thes., 1. kap. ): –Regni non ita recordemur ut Gehennae. Timor enim promissione potentior est. Oroitu behar dugu paradisuaz eta hango plazer handiez, baina areago infernuaz eta hango pena izugarriez. Zeren nola osasunak baino, eritasunak hobeki gogoeta eginarazten baitigu eta bai etorkizunean ere pentsarazten, hala infernuko eritasunak ere, hango doloreak kontsideratzeak hobeki ukitzen gaitu eta aitzin-gibel beharazten digu, paradisuko plazeretan atseginez pentsatzen egoteak baino. Eta hau ez da miresteko, zeren handiak, bortitzak eta izugarriak baitira infernuko pena haiek. Haietaz esan daiteke bere moldean jondoni Paulok zeruko loriaz esan zuena: –Ez du egundaino inork ikusi, ez entzun eta ez gogoan iragan nolakoak izango diren. Nola onei emango zaien ordaina izango baita abantailatua, guztien gainekoa, hala gaiztoek izango duten gaztigua eta pena ere izango da paregabea, alde guztiz handia, hain handia ezen, nola ez baita izango atseginik eta ez plazerik salbatzen den batek gozatuko ez duenik, hala ez da aurkituko penarik eta ez atsekaberik kondenatu batek pairatu beharko ez duenik. Onek ontasun guztiak, gaiztoek gaitz guztiak! Onak beti ongi, gaiztoak beti gaizki! Eta egiteko honi bere zimendutik eta erroetatik lotzeko, eta halaber jakiteko zer pena eta nolakoak izango diren infernuko pena haiek eta zergatik esaten den haiek direla pena guztien gaineko penak, har dezagun geure aitzindari san Tomas, doktore handi hura, zeren harekin batean izango gara ongi gidatuak eta mintzatuko gara behar den bezala. 2 Esaten du san Tomasek (S. Th., 1-2, 87 & 2-2, 79, 4: 4): –Poenae damnatorum in duo genera dividuntur, quae sunt poena damni et poena sensus. Poena damni respondet aversioni a Deo, et poena sensus conversioni ad creaturam. Esan nahi du: –Pertsona batek egiten duenean bekatu mortal bat, bi gauza egiten ditu. Lehenbizikoa, uzten du bere kreatzailea; eta bigarrena, hartzen du kreatura eta, harturik, haren baitan ipintzen du bere gogoa. Gibelaz itzultzen zaio Jainkoari eta begitarteaz kreaturari. Eta nola bi gauza egiten baititu, halatan ditu merezi ere bi pena eta gaztigu. Lehenbizikoa: merezi du utz dezan Jainkoak, egotz dezan bere konpainiatik, ez dezan sekulan haren bekokirik eta aurpegirik ikus, utz dezan utzitzailea. Eta pena hau deitzen du san Tomasek poena damni, id est: carentia divinae visionis, carentia divinae praesentiae (S. Th., 1-2, 88, 4), Jainkoa ez ikustea, haren konpainiatik eta loriatik sekulako kanpoan eta etsaigoan desterraturik egotea. Eta hau da infernuan dagoenak iragaten duen penarik handiena eta malenkoniarik malenkoniagarriena. Zeren nola paradisuan dagoenari Jainkoa ikustetik eta haren konpainian egotetik etortzen baitzaizkio ontasun guztiak, hala infernuan dagoenari ere Jainkoaz gabeturik eta haren begi-bistatik eta konpainiatik desterratua egotetik heldu zaizkio dituen kalte guztiak. Gauza bat galtzen duzunean, damu hartzen duzu. Eta zenbatenaz eta galtzen duzun gauza hura baita hobeago, handiago eta baliotsuago, hainbatenaz hartzen duzu damuago, hainbatenaz sentitzenago duzu. Beraz, zinez eta arrazoirekin sentituko duzu, eta damu hartuko, Jainkoa bera, den gauzarik hoberena, handiena, baliotsuena eta zuk beharren zenuena galtzen duzunean. Kalte handia da begietako bistaz, osasunaz eta azienda guztiaz gabetzea; beraz, zinez izango da kalte handia Jainkoaz beraz gabeturik jartzea. Erregeren lehenbiziko semeak, eskubidez eta etorkiz erresuma guztiko jaun eta errege izatear denak damu har lezake erregetzat koroatu eta errezibitu behar duten egunean egotz balezate desterraturik erresuma guztitik kanpora. Zer damu, zer gutxiespen eta atsekabe errezibituko du, beraz, kristauak ere, zeruko erresumako oinordeko eta partaide heldu zenak, erresuma hartan sartu uste zuen egunean, atea ixten diotela eta kanpora egozten dutela dakusanean? Pertsona bati zeure behar-orduan, premia premiazkoan, gauza bat eskatzen diozunean, damu hartzen duzu baldin, duela dakizularik, hutsik egozten bazaitu, ezetz esaten badizu. Bada, zeure azken unean, heriotzako orenean, behar-ordu guztien gaineko behar-orduan, zer damu, zer bihotz-ukaldi errezibituko duzu, zer pena eta atsekabe sentituko duzu, Jainkoak hutsik, behar duzuna gabe kanpora egotz zaitzanean? Nescio vos (Mt 25:2), ez zaituela ezagutzen, berandu duzula, ez duzula erremediorik esan diezazunean? Eta honela esanik, atea itxi diezazunean? Badirudi honetan pentsatzeak berak ere, sekulako musu-huts gelditu behar duela ikusteak, inori buruko ileak lazten dizkiola. Arrazoirekin esaten du san Krisostomok (47. hom., Ad populum Antiochenum. ): –Multi hominum Gehennam tantum formidant, ego autem gloriae illius amissionem Gehenna multo amariorem esse dico. Batzuk infernuaren dira beldur eta ez besteren, baina niri, guztien gainetik, zeruko loria galtzea iruditzen zait dela garratz eta izugarri; gehienik ni harentzat naiz beldur. Honetatik aditzen da profeta Dabiden esan bat (Sal 10:7): –Pluet, super eos ignis, et sulphur et spiritus procellarum pars calicis eorum. Su, sufre, tormenta eta besterik anitz pena emango die Jainkoak kondenatuei. Baina haiek guztiak, pars calicis eorum, ez dira parte bat baizik izango, eta parterik ttipiena. Zeren guztietako handiena izango da zeruko loriatik, Jainkoaren begi-bistatik eta konpainiatik sekulako kanpoan egotea. Hemen esango du zenbaitek: –Linboan dauden haurrek, bataiatu gabe hiltzen direnek ez dute Jainkoaren begitartea ikusten eta ez ikusiko ere; beti daude, eta egongo dira, zeruko loriatik desterratuak. Eta guztiarekin ere, doktoreen esana da ez dutela haiek penarik izaten eta ez tristurarik errezibitzen, eta ez errezibituko ere. Nolatan diogu, beraz, ezen Jainkoa ez ikustea, haren konpainiatik kanpoan egotea dela pena guztien gaineko pena? Ez da gaitz ihardesten: –Zeren nola linboko haurrak ez baitaude han bere faltaz eta ez bere bekatuengatik, ez du nahi Jainkoak izan dezaten haiek hargatik tristuratik, penarik eta ez atsekaberik. Baina infernuan daudenak, nola bere faltaz, maleziaz eta bere pertsonaz libreki egin zituzten bekatuengatik baitaude Jainkoaren konpainiatik kanpoan, hargatik, eta Jainkoak ere hala ordenaturik, dute tristura paregabe bat eta atsekabe guztien gaineko atsekabe bat. Eta hau da bekatuaren lehenbiziko pena eta gaztigua bekatoreak izango duena: Jainkoa ez ikustea, haren konpainiatik eta adiskidetasunetik sekulako kanpoan gelditzea. LVII BEKATOREAK INFERNUAN IZANGO DUEN BIGARREN PENAZ ETA GAZTIGUAZ, ZEIN DEITZEN BAITA POENA SENSUS, SENTSUAREN PENA Egia da: handia da Jainkoaren loriatik eta konpainiatik kanpoan egotetik datorren damua eta kaltea. Ordea, zeren baitirudi ezen, hala egonagatik ere, balukeela bekatoreak zerbait kontsolamendu edo ez litzatekeela alde guztiz onbehar eta ez osoki errukarri baldin inon minik edo oinazerik ez balu, hartarako, bekatorearen bigarren pena eta gaztigua, bekatoreak merezi duena eta izango duena da poena sensus, sentsuaren pena, su eternala, bukatuko ez dena. Eta pena hau ematen zaio bekatoreari zeren, Jainkoa utzirik, itzuli zen kreaturetara, eta Jainkoaz eta haren aginduez baino, munduaz eta munduko plazerez kontu gehiago egin zuen. Hala esaten du san Tomasek (S. Th., 1-2, 86, 4): –Poena sensus respondet inordinatae conversioni ad creaturam. Pena honetaz esaten du san Mateok (Mt 25:41): –Ite in ignem aeternum. Zoazte su eternalera, bukatuko ez denera! Halaber, esaten du san Mateok berak (Mt 3:10; 7:19): –Excidetur et in ignem mittetur. Ebakiko da eta sura egotziko da. Eta ez dezazula, ez, pentsa infernuko su hura hemengo su hauek bezala izango dela. Baina hura, nola izango baita Jainkoak berak piztua eta egina, hala izango da hemengo suak baino beroago eta goriago, halako moldez ezen hemengo sua, hangoarekin konparaturik, pintatua bezala izango baita. Eta hau ez da miresteko, zeren are hemengo suetan ere diferentzia handia da: sufrezko sua, eta are egurrezkoa ere, beroago eta indartsuago da lastozkoa baino. Hala izango da, bada, halaber infernuko su hura ere hemengo suak baino beroago eta bortitzago. 1 Lurrean barrena, gure azpian, lurrak duen lekurik beherenean, zentroaren aldean, lurraren hondarrean aurkitzen da leize handi bat, labe gori bero bat, behin ere hozten eta iraungitzen ez dena, alde guztietatik itxia, aterik eta leihorik ez duena, kondenatu guztiak edukitzeko aski handia, zein baita eta deitzen baita Infernua. Eta han, infernu hartan egongo dira kondenatu guztiak, alde guztietatik, kanpotik eta barrenetik, suz inguratuak, sutuak, burdin goritua dagoen bezala. Eta guztiak elkarrekin eta su batean. Ordea, benturaz dudatuko du zenbaitek, eta esango ere bai: –Nolatan ahal dateke hori horrela? Nolatan ahal daudeke kondenatu guztiak elkarrekin leku batean eta su batean? Zeren infernuan daudenen artean bada diferentzia: batak baino besteak bekatu gehiago du; arrazoi da, beraz, halaber batak baino besteak pena ere gehiago izan dezan: Secundum mensuram delicti erit et plagarum modus (Dt 25:2), hobenaren arabera izango da gaztigua ere. Quantum glorificavit se et in deliciis fuit, tantum date ei tormentur et luctum (Ap 18:7): zenbat atsegin eta plazer hartu baitzuen, hainbat eta hainbeste desplazer eta atsekabe eman bekio. Beraz, honelatan, ez dira kondenatu guztiak su batean berdin egongo. Zeren hala baleude, guztiek berdin eta orobat lukete pena eta gaztigu. Bada, ordea, su batean guztiak berdin eta elkarrekin egongo dira. Ordea, hargatik bekatu gehiago duenak pena gehiago izango du. Eta zergatik eta nola izango duen pena gehiago, eman daitezke bi arrazoi. Lehenbizikoa da san Tomasena (S. Th., 3, 97, 5: 3), eta haren hitzak berak dira hauek: –Ad tertium dicendum, quod ignis ille est instrumentum divinae justitiae punientis. Instrumentum autem non solum agit in virtute propria, et per proprium modum, sed etiam in virtute principalis agentis et secundum quod est regulatum ab eo. Unde quamvis secundum propriam virtutem non habet quod aliquos cruciet secundum magis et minus, secundum modum praeditum; habet tamen hoc, secundum quod eius actio modificatur ex ordine divinae justitiae. Esan nahi du: –Infernuko su hura Jainkoaren justiziaren borreroa, azotea eta mutila da. Eta, halatan, su hark bere izaeraren arabera bata baino bestea erretzenago ez badu ere, bai ordea erretzenago du Jainkoaren justiziaren mutil bezala, zeren, bere nagusiak agintzen duen bezala, batbederarekiko bere berotasuna eta indarra enplegatu behar baitu. Eta halatan du erretzenago eta penatzenago bekatu gehiago duena, zeren Jainkoak, su haren nagusiak, hala nahi baitu. Bigarren arrazoia: bekatu anitz duena eta gutxiago duena, biak daude berdin infernuko suan. Ordea, bekatu gehiago duen hark pena gehiago iragaten du, zeren hura minberago, sentikorrago eta suari ihardesteko eriago, ahulago eta herbalago baita. Bi pertsona daude eguzkitan. Eta eguzki hark ez dio batari deus sentiarazten, ez dio minik egiten, baina besteari berehala burua minberatzen dio, iragaten dio, izerditan ipintzen dio, zeren hura baita bestea baino ahulago eta sentikorrago. Hala da, bada, bekatu anitz duena ere gutxi duena baino minberago, sentikorrago eta suari ihardesteko ahulago. Eta halatan, biak berdin su batean egonagatik, ez dira biak berdin erretzen eta ez penatzen; baina batbedera penatzen da bere duen faltaren eta hobenaren arabera. 2 Orain hemen galdegin daiteke ea infernuan berorik bezain hotzik izango denetz. Eta bada esaten duenik baietz; eta nola infernuan izango baita bero handi bat, hala izango dela halaber hotz handi bat, izotz, horma, elur; eta infernuan daudenak aldatuko direla batetik bestera, bero handitik hotz handira eta hotz handitik bero handira. Baina bitartean, batetik bestera aldatzean, ez zaiela penarik arinduko. Eta honela esaten dutenek hartzen dute okasio honela esateko Job gizon santu haren esan batetik (Jb 24:19): –Ad calorem nimium transeat, ab aquis nivium et usque ad inferos peccatum illius. Bero handira iragan bedi elur-uretik, eta ez da infernuraino geldituko haren bekatua. Beraz, badirudi ezen infernuan izango dela hotz eta bero, ur eta su. Baina egiteko honi ihardesteko, aita Domingo Soto, doktore handi hari jarraiki nahi natzaio (ikus Dom. Soto in Quartum Sentenentiarum Commentarii, 5. dist., kuestio bakarra, 4. art.). Eta haren esanaren eta irudiaren arabera diot ezen ez dela infernuan izango elurrik, hormarik eta ez beste hotz-suerterik. Zeren gure Salbatzaileak, infernuaz mintzo denean, ez du behin ere aipatzen elurrik eta ez egiten oroitzapenik hormaz eta ez beste hotz-moldez. Aitzitik, esaten die gaiztoei (Mt 25:41): –Ite maledicti in ignem aeternum. Zoazte, madarikatuak, su eternalera, amaituko ez denera! Zeren hotzetik berora edo berotik hotzera aldatzekotan, aldatu behar litzateke gehiago penatzeagatik. Baina hartarako ez da hotzen premiarik, zeren, bataz, bortitzago baita beroa hotza baino, eta bestea, zeren suaz beraz ematen baitio Jainkoak bekatoreari bere dagokion gaztigua. Beraz, badirudi ezen alfer litzatekeela hotza beroa bera aski den lekuan. Eta hala, infernuan zegoen aberats zikoitzak ezin erdietsi zuen ur-xorta bat bere mihia hezatzeko eta freskatzeko. Eta bestela ere, gaitz da aditzen eta erdiesten nola ahal diratekeen elkarrekin edo bata bestearen ondoan, infernuko labe hartan, hotza eta beroa, behintzat batetik bestera aldatzeko puntu hartan bederen zerbait moldez pena arindu gabe. Eta Jobek esaten duenean “iragan bedi elur-uretik bero handira”, ez da, ez, han Job mintzo infernuko penez eta ez han daudenez, baina, leku berean ikus daitekeen bezala, mintzo da bekatoreaz eta ez, ez, edozein bekatorez, baina adulterioan, besteren emaztearekin dagoenaz, amorantearekin bizi denaz. Eta hari egiten dizkio bere mehatxuak eta egozten dizkio madarikazioak, esaten duela (Jb 24:18-19): –Maledicta est pars eius in terra. Madarikatua da lurraren gainean duen partea. Ad calorem nimium transeat, ab aquis nivium. Egin bedi elurra bezain hotz debozioan eta sua bezain bero malezian, eta hoztasun hartatik, negutik udara bezala, iragan bedi infernuko berotasunera, eta ez da haraino, hara hel artio geldituko: Usque ad infernum peccatum eius. Eta esaten badu ere gure Salbatzaileak, infernuaz mintzo dela, Ibi erit fletus et stridor dentium (Mt 13:42), han izango dela negar eta hortz-karraskots, ez da, ez, aditzen hortz-karraskots hura hotzetik datorrela eta ez hotzak eragiten duela. Baina hura eragiten du, bataz, barreneko damuak, oroitzeak nola bere faltaz dituen egiteko haiek guztiak, eta berriz, bestea, suak ematen dion dolore handiak. Hark gorputzeko parte guztiak ikaratzen ditu eta hortz-haginei karraskots handi hura eragiten die. Eta hala, infernuan ez da elurrik eta ez beste hotz-suerterik; beti da bero eta su. Eta su hura ez da behin ere ttipitzen eta iraungitzen. Eta ez du hark egurrik ere behar eta ez aitzinatzailerik. Kondenatuaren arima beti dago suan, eta bai gorputza ere egongo, azken judizioko eguna iraganez gero. 3 Arimak bere penak bezala, arimaren potentziek eta botereek ere –zein baitira adimena, borondatea eta memoria– izango dituzte bere pena-moldeak, bere-bereak eta bereziak. Adimena egosiko da bere baitan barrena hainbat pena eta hain handiak pairatu behar dituela kontsideratzeaz; eta gogoa bestetara aldatzeko astirik ere gabe, betiere egongo da pena haietan pentsatzen eta penatzen. Borondatea ere ibiliko da haserretua herra errabiatu batekin Jainkoaren kontra, zeren hainbat gaitz eta pena ematen dion. Bada, memoria ere bere baitan nahasiko eta nekatuko da, bere faltaz hartara dela eta beti hala egon behar duela oroitzeaz. Eta arimak eta arimaren potentziek bezala, izango dituzte gorputzak eta gorputzaren zentzumenek ere –zein baitira bista, entzutea, usna, gustua eta ukitzea– nork bere gaztigu-molde beregainezkoak. Lehenbizikorik, visus, begietako bista izango da penatua, zeren infernuko lurpe hartan ez baitu deus ikusiko, ilun izango baita. Eta suan egongo bada ere, eta suak bere egitez argitzen badu ere, ordea, badateke argitu gabe: edo, egurra dela kausa, izango baita sufrea, zeinek ez baitu argi klarurik egiten, ke ilunik eta beltzik baizik; edo, lekua dela kausa, izango baita lurrean barrena, alde guztietatik itxia, leihorik eta aterik gabea, hats hartzeko eta argirik edo haizerik sartzeko biderik ere izango ez duena. Egia da, ordea: ez da, ez, soil eta alde guztiz ilun ere izango. Argi aski izango da, lainope batean bezala, elkar ikusteko eta ikuste hartaz gehiago penatzeko eta tristatzeko. Zeren tristura handia errezibituko dute, noiz eta bere lagunak –zeinekin bekatu egin baitzuten eta zeinengatik galdu baitziren– ikusten baitituzte bere begien aitzinean. Hala ematen du aditzera san Gregoriok (Moralia, IX, 49. k.): –Quamvis ignis ille non luceat ad consolationem, lucet tamen ut magis torqueat. Infernuko su hark argitzen ez badu ere kontsolatzeko, bai ordea argitzen du eta argituko du gehiago penatzeko eta malenkoniatzeko. Zeren, argi lanbro harekin batean, ikusiko dute hainbat likiskeria, hainbat espiritu gaizto eta itsusi, hain konpainia izugarria, hain su handia, iluna eta ketsua, non begietako bista, hemen gauza ederrak eta atseginak ikustean hutsalki loriatu zena, han gauza itsusiak, izugarriak, nardagarriak eta atsekabetsuak begiesteaz dolorezki penatuko baita. Halaber, auditus, entzutea, belarriak izango dira penatuak eta jarriko dira harrituak, zeren ez dute entzungo oihurik, negarrik, marraskarik, deiadarrik, deitorerik, auhenik eta negarrik baizik. Hango kantuak, leloak eta bozkarioak izango dira aiak, hasbeherapenak, intziriak, negar-txopinak eta arrangurak, betiere arnegatzen eta madarikatzen dutela bere buruez eta erori zaien zorte gaiztoaz. Halaber, odoratus, usna, sudurrak izango dira penatuak usain gaizto batez, kirats handiaz, zeren, bataz, azken egunean jaitsiko baitira, gaiztoekin batean, munduko haskeria guztiak infernura, eta berriz, bestea, zeren nola zeruko lorian daudenek izango baitute usain ona, hala infernuan daudenek izango dute gaiztoa, eta usain gaizto hartaz egongo dira betiere sudurrak beteak eta kirastuak. Halaber, gustus, gustua, ahoko zaporea izango da penatua: bataz, gosez eta egarriz, eta bestea, zenbait janari urdinduz eta edari zurminduz. Hemen hemengoek bezala, han ere hangoek festa egingo diote. Ordea, diferenteki, hemengo gozotasuna eta jan-edaneko plazera hango mintasunaz eta bianda gaiztoez ahantzarazten diotela. Halaber, tactus, ukitzea, pertsona guztia izango da penatua, zeren ez du inork han surik, karrik eta gauza likits nardagarririk baizik ukituko. Azken batean, nola orain hemen zentzumen guztiek eta gorputzeko parte guztiek hartzen baitute atsegin eta plazer, hala han, halaber, hartuko dute guztiek damu eta atsekabe, pena eta dolore, min eta oinaze. Han izango da dolore guztien eta gaitz guztien junta, bilkura eta batzarra. Han izango du kondenatu onbeharrak buruan min handia, hortz-haginetan oinaze bortitza, bihotzean dolore amorratua, gorputzean kota, harri, ikara, sukar, azken buruan, ahal diratekeen eritasun guztiak. Hainbat gaitz eta dolore izango du, non dolore hutsez dolore bihurtuko, konbertituko eta egingo baita. Hemengo eritasunek eta oinazeek ez dute, eskuarki, behin ere gorputz guztia osoki hartzen. Batean, begietan duzu min, eta ez, orduan, belarrietan; bestean eskuetan, eta ez oinetan. Eta honelatan, parte batean min izanagatik, ez duzu bestean min, ez duzu oinaze osoa eta ez guztietakoa. Eta alabaina, parte bateko oinazeak berak, hagin bateko minak, hain penatzen eta asaldatzen zaitu, non gau guztian lorik egin gabe edukitzen baitzaitu. Zer litzateke, bada, baldin gorputz guztian eta gorputzeko leku, aurkintza, juntura eta parte guztietan osoki, berdinki eta batean oinaze bazenu, eta oinaze harekin erreka batean, guztiek utzia, bazeuntza? Orduan zinez zinateke onbehar, zoritxarreko eta errukarri. Hala da, bada, eta are errukarriago, infernuko penetan dagoena. Zeren hura da osoki guztia eta guztietan eri, hura da guztietan minez eta oinazez gainez egina; ez du bazterrik, ez du hutsunerik, guztia da betea. Eta ongi da hala izan dadin. Zeren nola gorputz guztiaz eta gorputzeko parte guztiez, osoki, bekatu egin baitzuen, arrazoi da, halaber, gorputz guztiaz eta gorputzeko parte guztiez osoki paga dezan eta guztietan izan dadin alde guztiz penatua, gaztigatua eta oinazeztatua. 4 Oinaze haiek, dolorezko dolore haiek ematen zaizkio infernuan dagoenari diferenteki, egin zituen bekatuen diferentzien arabera. Han urguilua, handinahia desohorezki oinen azpian erabiliko eta ostikatuko da. Han zekena, diruz beterik zegoena edo egon nahi zuena, beharrizan handian, munduko beharrik beharrena baino beharreanago jarriko da. Han sabeldarraioa, ahozuria, lamitia, jan-edanera emana, gulara eroria, gosez eta egarriz ur-xorta bat ere ezin erdietsiz, hamikatua ibiliko da, ahuldua eta iragana jarriko da. Han arnegaria mihitik urkatua, dilindaka egongo da. Han emakoia, haragiaren lohian lizundua eta idoiztatua ibili dena deabru izugarriek, bere atzapar zorrotzez, ferekatuko, larrutuko eta halakoari dagozkion beste pena-molde batzuez penatuko dute. Are gehiago: infernuan, zikoitzak zikoitzekin, ohoinak ohoinekin, arnegariak arnegariekin, azken finean, kideak kideekin eta suertekoekin egongo dira bereziak eta partzelatuak. Hala ematen du aditzera san Mateo ebanjelariak: –Colligite primum zizania et alligate ea in fasciculos ad comburendum (Mt 13:30). Bil itzazue belar gaiztoak, eta bil itzazue multzoka eta zamaka erretzeko elkarrekin. Eta nahi baduzue jakin zer den honela, multzoka eta zamaka bildurik erretzea, deklaratzen du san Gregoriok (Moralia, II, 47. k.): –Fasciculos ad comburendum ligare, est eos qui aeterno igni sunt traditi, pares cum paribus sociare, ut quos similis culpa inquinat par etiam poena constringat. Belar gaizto zamak, multzoak, eskumenak edo eskutadak elkarrekin erretzeko biltzea eta lotzea ez da beste gauzarik, infernura behar dutenak, ohoina ohoinarekin, arnegaria arnegariarekin, kidea kidearekin akonpainatzea eta juntatzea baizik, halatan, bekatu egitean kulpan eta hobenean berdin izan zirenak penan eta gaztiguan ere izan daitezen berdin eta, batean bezala bestean ere, elkar eduki dezaten. Halakoez mintzo dela, esaten du errege Dabidek: –Sicut oves in inferno positi sunt, mors depascet eos (Sal 48:15). Ardi-artaldeak bezala, tropelka eta partzelaka infernuan egongo dira; herioak bazkatuko ditu; herioa izango da haien bazka, eta bai haiek ere herioaren. Kondenatuaren penatzea konparatzen da ardiaren belar-jatearekin. Hala dio san Gregoriok (Moralia, IX, 7. k.): –Depascere dicitur. Quia sicut ovis depascens herbam, non eam radicitus evellit, sed ita pascit, ut manente radice iterum herba crescat, ut iterum depascatur: ita mors semper depascit miseros, quia semper illis relinquitur vita ut tormenta valeant sustinere. Nola ardiak ez baitu behin ere belarra osoki bukatzen eta ez erroetatik ateratzen, baina gaineko hostoa jan eta uzten baitu betiere barreneko erroa eta zaina, berriz ere hostoa eginik berriz hartatik jan dezakeen bezala, hala herioak, penak, doloreak, minak eta oinazeak jaten dute kondenatuetatik, behin ere erroa atera gabe, bizia akabatu gabe. Halatan, betiere bizitzen direla, betiere penatzeko. Eta hala, haien bizitza ez da bizitze eta ez heriotza heriotze. Ez da bizitze, zeren ez baitu ontasunik eta ez kontsolamendurik. Ez da heriotze, zeren ez baitu bukatzerik. Arrazoirekin esaten da halakoagatik: –Bonum erat ei, si natus non fuisset homo ille (Mt 26:24). On zukeen sortu ez balitz, edo sortu eta berehala urtu, hondatu eta ezdeus bihurtu balitz. Zeren san Tomasek dioen bezala (S. Th., 3, 98, 3): –Melius est non esse, quam male esse. Hobe da ez izatea, gaizki izatea baino. Honen arauaz esaten du jondoni Joanes ebanjelariak ere: –In diebus illis desiderabunt homines mori et mors fugiet ab eis (Ap 9:6). Egun haietan, orduan penetan daudenek desiratuko dute bere egunen amaiera eta akabantza, hil nahiko dute, herioaren bila ibiliko dira; baina alferrik: ez dute aurkituko. Zeren herioak haietatik ihes egingo du. Halatan, betiere bizitzen direla betiere penatzeko, zeren penatzea hiltzea baita. 5 Esan behar da handia dela infernuan daudenek duten miseria eta ondikoa, orain guk hemen gutxien nahi dugun gauza –zein baita heriotza– haiek han hura gehienik bilatzen eta desiratzen dutenean. Eta ez da miresteko haiek han hala desiratzea, zeren bere baitan erreak, deseginak eta alde guztiz deskontsolatuak baitaude. Kanpoan suak erretzen ditu eta barrenean harra alha zaie. Eta har hartaz esaten du Isaias profetak: –Vermis eorum non morietur (Is 66:24). Haien harra ez da, ez, hemengo har hauek bezala, haragiz egina eta bizirik dabilena. Baina hura da kontzientziaren akusazioa, ausikia, alhadura, ximikoa, erantzukia eta infernuan daudenek bere baitan duten damua, urrikia eta oroitzea nola izan zuten indar, antze, ahal, esku eta botere pena haietatik guztietatik ihes egiteko, eta nola, guztiarekin ere, bere faltaz ez ziren eskapatu, bere faltaz galdu ziren, eta utzi zuten eskuen artean izan zuten denbora, okasioa eta aparailua aprobetxatu gabe iragaten eta galtzen. Eta honela, oroitze honek akusatzen ditu, larrutzen ditu, desegiten ditu, esaten duela batbederak bere baitan: –A! Ene galdua! Ene zoro adimengabea! Zertan pentsatzen ote nuen nik bizi nintzen denboran, neure burua neure eskuko nuenean? Anitzetan esan zitzaidan nori berea bihur niezaiola, etsaiarekin adiskide nendila, juramentu egiteko ohitura utz nezala, behar ez zen emakumeari aparta nenkiola, azken finean, kristau bezala Jainkoaren agindu santuen arauaz eta ereduz manten nendila, eta, ezpere, orain naizen egitekoan izango nintzela. Baina nik, honela esaten zitzaidanean, irri egiten nuen, ez nuen sinesten. Bada, orain paga dezadala leku dolorezko honetan honenbat dolorerekin, eta dolorezko lagunekin, mendez mende, sekulako geldi nadila. Zeren hala dut merezi. Ez nuen erein; ez da arrazoi bil dezadan. Ez nuen irabazi; ez da arrazoi goza dezadan. Eta neuk dut falta; ez du bestek parterik. Ezin eman diezaioket besteri aitzakiarik; neuk neure burua galdu dut. Hauek dira infernuan daudenen solasak; hauek dira haien arteko dolorezko perpausak. Oroitzen dira nola bere faltaz hain onbehar bilakatu diren; eta oroitze honek bere baitan egosten ditu, malenkoniatzen ditu. Eta hau da gau eta egun, behin ere ase gabe, lasaitzen utzi gabe alha zaien eta alhako zaien harra: probetxu gabeko urrikia, denbora joanez gerozko damua, dolua eta negarra, zein baita infernuan daudenek duten pena handietatik bat. Zeren zer ahal dateke pena penagarriagorik eta bihotz erdiragarri erdiragarriagorik, bere burua sekula amaigaberako erremediorik gabe galdua –eta bere faltaz galdua– ikustea eta oroitzea baino? A! Oroitze tristea, penagarria eta penatatik ateratzeko esperantza gabea! LVIII NOLA INFERNUAN DAUDENEK EZ DUTEN HANDIK ATERATZEKO ESPERANTZARIK Handiak eta izugarriak dira infernuko pena haiek. Eta baldin oraino pena haiek inoiz bukatzeko, arintzeko, laburtzeko edo gutxitzeko esperantzarik balitz ere, badirudi balitzatekeela zenbait kontsolamendu. Baina hainbat pena, hain handiak, eta amaierarik ez, eta ez amaierarik izateko usterik ere: hau da gauza latza, hau da aitzin-gibel beharazteko eta gogoeta eragiteko puntu izugarria. Zeren esperantzarik ez duena presenteko penak bezala etorkizunekoak ere penatzen du, hura ere ikusten du, hura ere presentean bezala eta bere gainean bezala dauka, zeren baitaki harentzat dagoela eta ez dela bukatuko. Orain hemen, dolorez eta oinazez inguratua zaudenean ere, aurkitzen da zenbait bide hats hartzeko eta kontsolatzeko. Eri zarenean, etortzen zaizkizu adiskideak ikustera, eta haiek apur bat gaitza arintzen dizute; medikua bisitatzera, hark ere adoretzen zaitu; eta guztien gainetik, betiere bizi zara gaitza arinduko zaizulako esperantzan, eta esperantza hark kontsolamendu handia ematen dizu. Baina infernuko eritasunean, hango penetan, halako moldez daude esperantzaren ateak itxiak eta portuak hartuak, non hala dauden dolorezkoek eta han daudenek ez baitute inondik ere kontsolamendua sartzeko argirik ikusten. Clausa est ianua (Mt 25:10): itxi da halakoentzat miserikordiaren atea, errukiarena, graziarena, azken batean, ontasun guztiena. Aberats zikoitza infernutik, erretzen zegoen lekutik hasi zitzaion oihuz eta otoitzez Abrahami, esaten ziola (Lk 16:24): –Aita Abraham! Badakusazu nola nagoen su honetan errea eta idor elkortua. Euzu, bada, nitaz miserikordia eta igor iezadazu Lazaro, hark bere eri puntaz, urean bustirik, mihian uki nazan, apur bat heza nazan. Eske hau egiten dizut; hau da ene otoitza. Zer eske eskasagorik edo otoitz ttipiagorik egin ziezaiokeen? Ez zitzaion ausartu otoiztera igor ziezaiola pitxer bat ur, edo esku guztia urean sar zezala, eta ez, are, eri guztia ere. Baina haren desirkunde guztia zen eri-punta urean sar zezan eta hartaz mihia uki ziezaion, plazer hura egin ziezaion. Gauza apurra zen, desirkunde ttipia zen. Baina hura ere, ttipiago bazen ere, ez zuen erdietsi; hainbeste plazer ere ez zitzaion egin, jakin dezagun ezen, hartara ezkero, den plazerik ttipienari eta kontsolamendurik apurrenari ere ateak itxi zaizkiela. Itsas zabalean erortzen denak badarabiltza zerbaiti lotu nahiz eskuak, ixten ditu. Baina alferrik, zeren ez du limurtzen eta itzurtzen zaion ur engainagarririk baizik aurkitzen. Hala gertatzen zaie, bada, infernu zabal hondargabean erortzen direnei ere: ez dute aurkitzen non oina finka, ez dute aurkitzen zeri lot, ez dute aurkitzen girtainik, esku-tokirik, sostengurik eta ez kontsolatzeko biderik eta ez esperantzarik. Bada, kontsolamendu gabeko, amaiera gabeko eta amaiera izateko esperantzarik gabeko puntu honetan nahi nuke ipin zenitzan begiak, honi beha zeniezaion, hau kontsidera zenezan eta, animalia-suerte batzuek gauaz hausnar egiten duten bezala, zuk ere gauza honetaz, zenbait aldiz bederen, hausnar eta gogoeta egin zenezan. Eta honetarako, kontsidera ezazu eriak gau luzean iragaten duen trabailua, guztiz ere eritasuna zorrotza eta bortitza denean nola iraulkatzen den, nola orduak kontatzen dituen, zein luze iruditzen zaizkion eta nola argia desiratzen duen. Bada, baldin hemengo eriari hemengo gaua, hain azkar iragaten dena, hain luze iruditzen bazaio, zer irudituko zaio infernuan dagoenari hango gau luze, eterno, amaigabeko hura? A! Gau luzea, gau beltz, ilun, izugarria, arturratze gabea, oilariterik izango ez duena, sekulan argituko ez dena, eta ez amaituko! Zer pena, zer dolore eta ondiko izango da argituko ez den gau hartan, ez hemengo eriak bezala ohe bero onean, baina labe gori beroan, suzko zola gogorrean sekulako etzatea eta egotea? Arrazoirekin galdegiten du Isaias profetak: –Quis habitabit de vobis cum igne devorante? Quis habitabit de vobis cum ardoribus sempiternis? (Is 33:14). Halako lekuan, hain su beroan, kar eternalean, nor egongo da? Nor biziko da? Nork iraungo du? Nork izango du sorbaldarik sostengatzeko, indarrik jasateko eta pairurik eta pazientziarik sufritzeko? Orain hemen, den penarik ttipienak, su-inar batek kilikatzen zaitu, asaldatzen zaitu; zer izango da, bada, suz eta karrez, kanpoan eta barrenean, ariman eta gorputzean hartua, inguratua eta, burdin goritua bezala, goritua eta sutua zaudenean eta sekulako hala egon beharko duzunean? Ote dugu zentzurik? Ote dugu adimenik? Ala eleak, ametsak edo gezurrak ote dira hauek? Edo gurekin mintzo ote dira? Guri ote dagozkigu ala besteri? Fedeak esaten digu guri dagozkigula, gurekin mintzo direla, gureak eta guretzat direla. Eta ez direla ez eleak, ez ametsak eta ez gezurrak, baina egiak eta egiazki –baldin hobeki gobernatzen ez bagara– iragan beharko ditugunak direla. Edo hobeki mintzatzera: behin ere iragan gabe, betiere egoitzaz gurekin egongo direnak direla. Zeren oraino, pena haiek, beste penen artean, izango dute pena hau ere gehiago: egongo baitira betiere egoera batean, egoitza batean, molde berean, beti berde. Ez da ihartzerik, ez da ttipitzerik, ez da mudatzerik eta ez aldatzerik. Mundu honetako gauzak ez daude behin ere kroska batean: igotzen eta jaisten dira, egiten eta desegiten dira, maiz aldatzen dira. Baditu itsasoak bere gorabeherak, bere mareak eta mudantzak. Pertsonak, aziendak, etxeak, ondasunak eta eritasunak ere ez daude behin ere batean. Ez da sukarrik hain handirik non puntu batera igoz gero, ez baita beheititzen eta ttipitzen, eta ez oinazerik ere hain zorrotzik eta bortitzik, gorenera denean, ematzen eta eztitzen ez denik. Azken buruan, munduko lan guztiak eta egitekoak denborarekin batean hausten dira, iraungitzen dira, ezeztatzen dira. Baina ez infernuko sua eta pena. Pena hura bera da, eta ez besterik, beti berde, egoera batean dagoena, mudatzen ez dena. Hango sukarra eta berotasuna ez da behin ere jabaltzen eta ez beheititzen; beti dago goren puntuan eta lehengo kontuan. Zer ahal dateke, bada, tormenta handiagorik eta nekagarriagorik, betiere leku batean eta molde berean, higitu gabe, aldatu gabe eta mudatu gabe, harritua bezala, penatan geldi egotea baino? Munduko janaririk preziatuena ere, betiere hartatik, bestetara aldatu gabe jaten denean, gaitzesten da, higuintzen da. Ezin zatekeen gure artean janari hobeagorik eta ez bianda gozoagorik, Jainkoak berak Israeleko semeei zerutik eman ziena baino. Ordea, zeren hartatik beretik, bestetara aldatu gabe betiere jaten baitzuten, hain higuindu zitzaien non, jaterakoan, goragale bat etortzen baitzitzaien. Eta hala, ohe on batean ere, behin ere higitu gabe, alde batera edo bestera itzuli gabe, beti geldi egotea eta etzatea ere, zer pena litzateke? Nork paira lezake? Bada, baldin denbora luzeaz leku batean dagoena, ongi badago ere, penatzen eta nekatzen bada, zer izango da pena eternalean, su amaigabekoan dagoenaz? 1 Nahi baduzu jakin zer den su amaigabekoa, bukatuko ez dena, frogatzen duten zoritxarrekoek dakite, eta ez bestek. Baldin galdegin baliezaiote orain Judasi: –Esazu, dizipulu gaiztoa, zeure nagusiaren saltzailea: zenbat denbora du barren horretan, infernuko pena horietan zaudela? Ihardets lezake: –Badu mila eta seiehun urte, eta gehiago. –Eta orduan, lehenbizi pena horietara zinenean, zer zor zenuen? –Pena eternala, amaituko ez dena. –Eta hemendik beste mila eta seiehun urteren buruan, zer zor izango duzu? –Orobat orduan ere, hastean bezala: pena eternala, amaituko ez dena. Ez da aitzinatzen eta ez gibelatzen; beti dago egoitza batean, kroska batean. Ez da behin ere infernuko obligazioaren zentsua eta interesa iraungitzen eta ez kitatzen; beti da zor nagusia interesarekin. Eta nola infernuan daudenek hainbat pena iragaten baitute, eta pena haietaz zerbait ordaintzen dutela edo ordaindu behar luketela badirudi ere, ez dute ordea ordaintzen, betiere dute orobat zor. Zeren nola borondate gaiztoan eta malezian tematuak, gogortuak eta itsutuak baitaude, eta iragaten duten pena ere ez borondatez baina bortxaz iragaten baitute, eta ordaintzeko eta meritu erdiesteko denbora ere iragan baitzaie, ez die Jainkoak deus ere hartzen kontutan. Betiere, lehen deus iragan ez balitz bezala hasten zaie bere pena. Ehun mila mila urteren buruan, hain urrun egongo dira ordaintzetik nola lehenbiziko sartu ziren egunean eta orduan. Orain hemen, pena apur batez, bihotzezko urrikitze batez, egiazko konfesio batekin erremedia ditzakezu zeure bekatu guztiak, zeren orain Jainkoaren miserikordiaren ateak irekiak baitaude, eta zuk ere orain zeure borondatea libre baituzu, eta libreki beste aldera, gaiztotik onera itzul baitezakezu. Baina infernuratuz gero, galdu du libertateak bere indarra, itsutu da adimena, gogortu da borondatea, bukatu dira arimako feriak, itxi dira miserikordiaren ateak. Aingeru gaiztoak bekatutan erori zirenean, gelditu ziren malezian gogortuak eta erremediorik gabe sekulako galduak. Hala gelditzen dira, bada, bekatutan hiltzen direnak ere, hil ondoan sekulakotzat erremediotik kanpoan. Si ceciderit lignum ad Austrum, aut ad Aquilonem, in quocumque loco ceciderit ibi erit (Koh 11:3). Zuhaitza nora ere erortzen baita, nahiz eguzki-haizera edo mendebalera, eskuinera edo ezkerrera, erortzen den lekuan gelditzen da, ez da handik higitzen; ez eta behin infernura erortzen den bekatorea ere ez da gehiago jaikitzen eta ez jaikitzeko esperantzarekin gelditzen. Baldin aingeru batek esan baliezaie Jainkoaren partez infernuan daudenei: –Ea, jende penatuak! Idazue albiriste! Berri on bat eman nahi dizuet! –A, jauna! Esazu zer! Zeren beharrean gaude. –Jakin behar duzue ezen lurretik hasi eta zeruraino mundu guztiak eduki dezakeen arto-bihi kontu bezainbat urtez pena horietan egon zaretenean aterako zaretela hortik, orduan zuen penak bukatuko direla. Edo esan balekie, halaber, Jainkoaren partez: –Jakizue ezen itsasoko ur guztia eta munduko beste ur guztiak txindurri batek, urtean behin bere asea edanez, xuka, agor, hondar eta buka ditzanean, bukatuko direla zuen horko penak ere. Honela esan balekie, alegera litezke, anima litezke, ez lukete handik aitzina lehengo penaren erdia, zeren noizbaiteko esperantzarekin kontsola bailitezke. Eta arrazoirekin kontsola litezke, zeren lurrak ehun mila milaren ere eduki dezakeen arto-bihi kontu baino urte gehiago egongo baitira eta egon beharko baitute pena haietan. Eta txindurri batek ere, mila urtetik mila urtera behin edanez, lehen agor, xuka eta buka bailitzake munduko ur guztiak, itsasoa bera barrenean dela, haien penak bukatuko diren baino. Zeren den gutxienaz ere beti gutxitzen dena eta ez behin ere berretzen, noizbait bukatuko da. Baina ez infernuko pena: ez da sekulan bukatuko, zeren irautez eta iraupez baita fingabe eta infinitu. 2 Gogoetan jartzen naizenean zer izango den infernuko pena hartaz, noiz bukatuko den, eta amaierarik ezin ikus, bukatzerik ezin aurki, hondarrik ezin erdiets, gelditzen naiz gainditua, errendatua, non nagoen ez dakidala. Zeren nola Jainkoak ez baitu izango amaierarik eta ez bukatzerik, hala infernuko penek ere ez dute izango amaierarik eta ez bukatzerik, zeren iraungo baitute Jainkoak dirauen bitartean. A, mundu zoroa! Kristau itsu, adimengabea! Hemengo pena apur batez, oren bateko minaz eta oinazeaz hainbat kasu eta kontu egiten duzuna, egizu halaber zerbait kontu eta gogoeta amaigabeko mende hartaz ere. Oroit zaitez sekula, sekula gabeko sekula hartaz, esperantza gabeko betiere hartaz eta, oroiturik, utz itzazu luzapenak, gerotik gerora ibiltzeak, gogoeta gaiztoak eta maleziak. Infernuan daudenek, anitz mila urtez pena haietan egonez gero, ikusirik bere pena iraganez ez dutela batere probetxurik, kontsidera daiteke ezen bere gogoetan tristerik eta ilunik mintzatuko zaizkiola Jainkoari, eta esango diotela: –Zer da hau, Jainko handia? Non da zure miserikordia, errukia eta pietatea? Nolatan duzu horren bihotz gogorra eta altzairuzkoa? Noiz arte egongo gara honen penatuki leku penatu honetan? Noiz askietsiko duzu gu honela edukitzea? Anitz mila urte, anitz mende du hemen gaudela. Zer izango da, bada, gutaz? Noiz aterako gara hemendik? Ihardetsiko zaie: –A, galduak! Ontasunik merezi ez duzuenak eta izango ere ez duzuenak, erremediotik kanpoan zaretenak! Galdez zaudete zer izango den zuetaz, noiz aterako zareten hortik. Itxaron ezazue oraino apur bat, goiz urgoitu zarete. Jakin behar duzue ezen zuen penak eta doloreak oraino orain hasten direla, eta hemendik beste horrenbeste urteren buruan ere, orobat, orduan hasiko direla. Gal ezazue, gal, hortik ateratzeko esperantza. Zeren sekula azkengabekoan hor egon beharko duzue. Erantzun hau honen hotza, motza eta gogorra entzun dezatenean, nork pentsatuko du zer egingo eta esango duten? Zer sentimendu erakutsiko duten? Hasiko dira oihuz, hasiko dira deiadarrez, negarrez eta marraskaz. Hasiko dira bere ondiko handia deitoratzen eta auhendatzen. Hasiko dira bere buruak madarikatzen, begitarteak larrutzen eta atzaparkatzen. Eta geldituko dira alde guztiz dolutuak, etsiak, deskontsolatuak eta desesperatuak, inondik ere erremediorik, kontsolamendurik eta esperantzarik ez duen bat gelditzen den bezala. Eta zergatik hau honela? Zergatik honenbat gaitz eta pena? Eta zergatik azkengabe, bukaerarik gabe eta bukaera izateko esperantzarik ere gabe? Zergatik? Bekatu mortal batengatik; zeren aski da bat. Bekatu mortal hain errazki, laburzki eta denbora gutxitan egiten den batengatik, hain gutxitan, non baitirudi ezen bidegabe egiten diola Jainkoak bekatoreari buru-itzultze batez egiten den bekatuagatik sekulako gaztigua emateaz. Baina ez dio bidegaberik egiten, honen hurrengo kapituluan ageriko den bezala. LIX EA ZERGATIK HAIN DENBORA APURREAN ETA LABURREAN EGITEN DEN BEKATUARI EMATEN ZAION HAIN GAZTIGU HANDIA, LUZEA ETA SEKULAKOA Egia da. Badirudi bidegabe egiten zaiola bekatoreari hain denbora gutxitan egiten den bekatuagatik hainbat denboratako gaztigua emateaz. Baina arrazoi guztiak ongi pentsaturik eta kontsideraturik, aurkituko dugu ez dela hartan bidegaberik egiten; aitzitik, justuki eta zuzenki, den bekatu mortalik ttipienari ere ematen zaiola sekulako pena eta pena infinitua (ez infinitua intensive, bortiztasunez, zeren halako pena ezin jasan dezake kreaturak, baina infinitua extensive, irautez eta iraupez, zein baita sekulan amaituko ez dena). Eta ematen ditu arrazoiak san Tomasek bere hirugarren partean. Eta ematen du lehenbizikoa (S. Th., 3, 99, 1): –Denbora gutxiz eta laburzki egiten den bekatuari ematen zaio sekulako gaztigua, quia peccatum est, contra Deum summum bonum, quod est infinitum, zeren bekatua baita Jainkoaren kontra, zein baita infinitu. Beraz, gaztigua ere eman behar zaio infinitua eta bukatuko ez dena. Baldin lurreko errege bati belarrondoko bat ematen dionak gaztigu handiagoa merezi badu edozein besteri ematen dionak baino, zinez mereziko du gaztigu handia Jainkoari berari, mundu guztiko erregeari ematen dionak, nola bekatoreak, bere aldetik denaz bezainbatean, ematen baitio bekatu mortal bat egiten duenean. Eta honetarako, hemen ere, munduko legeen arabera ere, eman ohi zaio anitzetan ere denbora gutxiz egiten den faltari –ohoinkeriari, heriotzari edo beste gaiztakeria bati– gaztigu handia eta luzea: erbestea, galerak eta, batzuetan, heriotza penatua ere. Oraino, egia hau frogatzeko beha diezaiogun ongi gizonaren bekatuagatik egin zen ordainketari eta satisfazioari, eta aurkituko dugu arrazoirekin ematen zaiola denbora gutxiz egiten den bekatuari sekulako gaztigua. Zeren bekatua bere bidean eta osoki ad aequalitatem iustitiae –berdinki justiziaren arabera– ordaintzeko, behar izan zen pertsona infinituak, Jainko eta gizon zenak ordain zezan; eta hartarako, heriotza errezibitu zuen, halatan, zorra bezala, ordaina ere izateko infinitu. Eta hala, orain ordaintze hartaz, Jainkoaren pasio santuaz aprobetxatzen denak erremediatzen eta ordaintzen ditu bere bekatuak, zeren baldin bekatuak merezi badu gaztigu infinitua, halaber egiten duen ordainketa ere –zein baita pasio santuaren meritua eta balioa– infinitu baita. Baina Jainkoaren ordaintze hartaz, haren pasio santuaz eta infinituaz aprobetxatzen ez denak eta aprobetxatu gabe hemendik ateratzen denak, nola zor infinituarekin ateratzen baita, justuki eta arrazoirekin pairatzen du eta pairatuko du pena infinitua, amaierarik eta bukatzerik izango ez duena. 1 Denbora gutxiz egiten den bekatuari, ematen zaio gaztigu luzea eta sekulakoa. Zeren bekatua gaztigatzeko ez da, ez, hain kontsideratzen bekatua egitean iragaten den denbora eta bitartea, nola kontsideratzen baita, eta kontutan hartzen, bekatoreak bekatu egiteko izan zuen gogoa, borondatea eta erabakia. Zeren bekatua berarekin duela eta bekatu egiteko gogoarekin dagoela hiltzen denak, gehiago bizi izan balitz, bekatu gehiago egingo zuen. Nahi zukeen gehiago bizi bekatu gehiago egiteko. Bukatzen zaio bizia, ez, ordea, bekatu egiteko gogoa eta nahia. Halakoari eta halakoei gertatzen zaie gauaz kandela-argitan jokoan ari direnei gertatzen zaiena: gelditzen dira jokotik, zeren bukatzen baitzaie kandela; iraun balu kandelak, bazirauen jokatzeko gogoak. Hala dira, bada, bekatutan hiltzen direnak ere: iraunarazi ahal baliote gehiago biziari, bekatu gehiago egingo zuten. –Voluissent sine fine vivere, ut sine fine possent in peccatis permanere –dio san Gregoriok (Dialogi, 44. kap.)–. Nahi zuketen amaigabe bizi amaigabe bekatutan egoteko, eta, halatan, amaigabeko gaztigua ere ematen zaie. Zeren oraino san Gregoriok berak dioen bezala (idem): –Ad magnam iustitiam iudicantis pertinet, ut numquam careant supplicio, qui numquam voluerunt carere peccato. Arrazoi da, justiziaren arauaz da ez daitezen behin ere penarik eta gaztigurik gabe egon behin ere bekaturik gabe egon nahi ez zutenak. Eta hala, arrazoi honengatik, denbora gutxiz eta laburrez egiten den bekatuari ematen zaio sekulako pena eta gaztigua, zeren bekatua egitean iragaten den denbora labur bada ere, ordea bekatu egiteko borondatea baita luze eta bizi direno. Eta batzuetan halakoek esaten badute ere hitzez nahi luketela bere bekatuetatik atera, ez dutela aitzinera haietan egoteko gogorik, ordea, obraz kontrara erakusten dute. Zeren haietan daudela akabatzen dira, eta halatan, akabatuko ez den gaztigua ere justuki ematen zaie. 2 Denbora gutxiz egiten den bekatuari, ematen zaio sekulako gaztigua. Zeren san Tomasek dioen bezala (ubi supra: 3, 99, 1): –Culpa manet in aeternum, cum culpa non possit remitti sine gratia, quam homo non potest, post mortem acquirere: nec debet poena cessare, quamdiu culpa manet. Bekatua eta bekatuaren kulpa, hobena eta lohidura gelditzen da sekulako, zeren ezin barka daiteke eta ez garbi bekatua Jainkoaren grazia gabe eta penitentzia egin gabe; eta hilez gero, ez da grazia erdiesterik eta ez penitentzia egiterik. Beraz, bekatuaren penak eta gaztiguak ere iraun behar du sekulako. Zeren ez da arrazoi egon dadin bekatua, eta egon dadin gaztigu gabe. Merkatalgoa, salerosia, azkar da egin. Ordea, handik aurrera, salduz gero, gelditzen da sekulako «saldua, saldu», eta bai erosia ere sekulako «erosia, erosi». Buruan ere kolpe bat ematen dizutenean, kolpea azkar da egin; ordea, sendatzea nekez eta luzaro. Eta gero ere, sendatuz gero ere, gelditzen da gehienetan seinalea, gelditzen da marka. Hala, bada, bekatuaren salerosia eta kolpea ere azkar da egin. Ordea, gelditzen den seinalea, marka, nota, kulpa, zorra eta obligazioa sekulako gelditzen da. –Transit actus et remanet reatus (Inozentzio I, I. Psalm. Poenitential.). Iragaten da kolpea, eta gelditzen da ondoko ondorea. Beraz, arrazoirekin, gelditzen den ondoko ondoreagatik, laburzki egiten den bekatuari ematen zaio gaztigu luzea eta sekulakoa. Eta hala ematen zaio, halaber, laburzki egiten den obra onari ere sekulako loria eta saria. LX ZERGATIK JAINKO MISERIKORDIOSOAK, DENBORAREN BURUAN BEDEREN, EZ DIEN INFERNUAN DAUDENEI BARKATZEN Gogoak ematen dit benturaz esango duela zenbaitek: –Ez litzateke hobe Jainko miserikordiosoak, hain miserikordioso denez gero, balia lezan bere miserikordia osoki eta konplituki, eta, azkenean, barka liezaien guztiei, guztiz ere plazer duen bezainbat denboraz infernuan edukiz gero eta, han bere faltak ezagutarazirik, penitentzia eginaraziz gero? Eta izan da zenbait, bere nahiarekin batean, hala esan duenik. Eta gaiztoek hala nahi lukete. Ordea, ez da hala izango eta ez da arrazoi ere hala izan dadin. Zeren, bataz, baldin ez balitz sekulako infernurik eta infernuren beldurrik, ez dakit litzatekeenetz bat ere munduan onik eta presturik. Dakigularik badela infernu bat, guztiarekin ere, gara garen bezalako; zer litzateke, bada, baldin bageneki ez dela halakorik izango, eta izatekotan ere, zenbait denboratarako izango dela eta ez sekulako? Purgatorioetakoaz kontsolatzen gara handik noizbait irtengo garelako esperantzarekin. Hala kontsola gintezke, bada, infernukoaz ere. Eta berriz, bestea, ez da arrazoi egon dadin Judas inoiz ere zeruko lorian jondoni Pauloren eta beste Apostoluen konpainian. Ez da arrazoi izan daitezen gaiztoak hain ongi gertatuak, nola onak. Ez da arrazoi Jainkoaren kontra ibili direnak eta haren zerbitzuan enplegatu direnak, hemen baino gehiago beste munduan ere izan daitezen berdin. Hura ez litzateke miserikordia, baina litzateke justizia-falta, eta Jainkoa baitan ezin dateke halako faltarik. Eta ez dio, ez, Jainkoak bidegaberik egiten infernuan dagoen kondenatuari ez inoiz barkatzeaz. Hargatik, ez barkatuagatik, miserikordioso da Jainkoa. Zeren san Tomasek dioen bezala (S. Th., 3, 99, 2: 1): –Deus quantum in ipso est miseretur omnibus. Sed quia misericordia sapientiae ordine regulatur, inde est, quod ad quosdam non se extendit, qui se misericordiae fecerunt indignos, sicut Daemones et damnati qui sunt in malitia obstinati. Jainkoak, bere aldetik denaz bezainbatean, guztiei barkatzen die, guztiez edukitzen du miserikordia. Ordea, behar den moldean, justiziaren arauaz, eta inor hartarako gai eta merezidun denean, eta ez bestela. Eta nola deabruak eta pertsona kondenatuak ez baitira miserikordia erdiesteko gai eta ez merezidun, zeren malezian eta borondate gaiztoan tematuak eta gogortuak baitaude, halatan ez da Jainkoaren miserikordia haietara heltzen. Eta haien beren faltaz ez da haietara heltzen: Perditio tua ex te Israël (Os 13:9). Baldin infernuan daudenek balute bere bekatuez behar den urrikitzerik, balegite penitentziarik, itzul balezate bere borondatea beste aldera, gaiztotik onera, balia lezake, bai, Jainkoak haienganako bere miserikordia eta barka liezazkieke bere bekatu guztiak, orain guri penitentzia egiten dugunean barkatzen dizkigun bezala. Orain gu bideazkoak gara; egin dezakegu penitentzia. Baina infernuan daudenek ez dute halako eskurik eta ez botererik; ezin egin dezakete haiek penitentziarik. Iragan zaie haiei bere denbora, bukatu dira haien feriak. Haiek han bere bekatuez damu eta urriki badute ere, ez dute, ez, damu eta urriki hura behar bezalakoa; ez dute Jainkoagatik eta ez Jainkoari zor dioten amodioagatik, baina dute iragaten dituzten penengatik. Abere batek ere min hartzen duenean, egiten du sentimendu. Hala, bada, infernuan daudenek ere minagatik, iragaten dituzten penengatik dute sentimendu, damu eta urriki. Baina beste gainerakoan, itsutuak, tematuak eta, bere faltarik behar bezala ezagutzen ez dutela, eta ezin konberti daitezkeen bezala, malezian eta borondate gaiztoan gogortuak, harrituak eta finkatuak daude. Eta hala, mundu honetako aldia eginez gero, ez da erremediorik: –In inferno nulla est redemptio. Infernuan ez da erreskaterik, ez da libramendurik (B. Claraval, De diversis, 42. serm. ). Eta halatan, hainbatetan abisatzen gaitu geure Jaungoikoak, eta bai mehatxatzen ere, begira dezagula, orain bizi gareno geure bekatuak erremedia ditzagula, zeren, hilez gero, ez dela erremediatzeko lekurik izango. 1 Baina oraino ezin etsiz, eta hala balitz nahiz, esango du agian zenbaitek (ikus san Tomas, S. Th., 3, 99, 3: 3): –Egia da: Jainkoak hala abisatzen gaitu, eta bai mehatxatzen ere. Ordea, benturaz mehatxu haiek ez dira mehatxu baizik izango, hitzetan iragango dira. Zeren, hala, Jonas profetaren denboran ere mehatxatu zuen Jainkoak Niniveko hiria, eta esan hondatuko zuela berrogei egunen buruan. Ordea, ez zuen hondatu, ez zuen mehatxuaren arabera obratu; keinatzea egin zuen, baina ez kolperik eman. Beraz, hala izango da infernuko penetara sekulako egozteko egiten dituen mehatxuetan ere. Egia da: hala izango da baldin, Niniveko hiri hark orduan bezala, guk ere orain penitentzia egiten badugu. Gure Jaungoikoak mehatxatu zuen Noeren denboran mundu guztia, eta esan hondatuko zuela uholde handi batez. Eta hala hondatu zuen; bere mehatxua bere mugan konplitu zuen. Ez zien Ninivekoei bezala barkatu, zeren ez baitzuten, Ninivekoek bezala, penitentziarik egin. Egiten denean penitentzia, ez dira Jainkoaren mehatxuak mehatxu baizik. Hala ematen du aditzera Jeremias profetak Jainkoaren partez: –Si poenitentiam egerit gens illa a malo suo agam et ego poenitentiam super malo, quod cogitavi ut facerem ei (Jr 18:8). Baldin nik mehatxatu nuen jendeak egiten badu penitentzia bere bekatuaz, egingo dut nik ere egin gogo nion gaztiguaz. Esan nahi du: –Baldin jende hura, edo nornahi den besterik ere, gelditzen eta gibelatzen bada bekatu egitetik, geldituko eta gibelatuko naiz ni ere, mehatxatu bezala, gaztigatzetik. Eta nola infernuan daudenek ez baitzuten egin hemen penitentziarik, eta han, beste munduan, ezin egin baitezakete, halatan konplitzen dira orain han hemen egin zitzaizkien mehatxuak. Mehatxatzeko puntu honen gainean, ederki esaten du san Krisostomok (Ad populum Antiochenum, 50. hom. ): –Vis id esse minas? Ipse Dominus es facti: melior efficere et ad minas tantum progreditur, si vero quod absit, minas contempseris, venies ad experientiam. Qui diluvii tempore fuerunt, si minas timuissent, periculum non sustinuissent, et si nos minas timuerimus, periculum non subibimus. Zuk nahi zenuke Jainkoaren mehatxuak ez litezen mehatxu baizik; bada, hori zure eskuan dago –dio san Krisostomok–. On zaitez, hobe zaitez, eta ez dira mehatxu baizik izango. Baina baldin hobetzen ez bazara, baldin mehatxuez konturik egiten ez baduzu, etorriko zara zeure ordu gaitzaren frogara, pena esperientziaz frogatzera eta kaltea pairatzera. Noeren denborako jende haiek aprobetxatu balira egin zitzaizkien mehatxuez Ninivekoak aprobetxatu ziren bezala, ez ziren galduko, ez zitzaien gertatu zitzaiena gertatuko. Ez eta guri ere ez zaigu kalterik etorriko, baldin, mehatxuek izuturik, orain penitentzia egiten badugu, orain onera konbertitzen bagara. Eta hala, baldin orain geu nor bagara, ez dira guretzat Jainkoaren mehatxuak mehatxu baizik izango. Ez da guretzat infernurik gertatuko. Baina bestela, baldin bekatutan gaudela begia ixten bazaigu, egin da, arima galdu da, ez da gero gehiago onera konbertitzerik eta ez penitentzia egiterik. Hau da egia garbia, eta Elizak errezibitua. Gainerako guztia, Jainkoak beste munduan, denboraren buruan, bere miserikordia gaiztoen alde erabiliko duela esatea, gogoratzea eta uste izatea da erokeria, engainua eta jende galduen desirkundea, kontua eta pentsamendua. Beraz, honelatan, –Dum tempus habemus, operemur bonum (Ga 6:10). Denbora duguno, dagigun ongi. Eta badio Isaias profetak ere: –Quaerite Dominum dum inveniri potest (Is 55:6). Bila ezazue Jauna aurki daitekeen denboran. Bada, orain aurki daiteke, eta ez gero. Hala esaten du Jainkoak berak: –Quaeretis me et non invenietis (Jn 7:34). Bilatuko nauzue eta ez nauzue aurkituko. Gauza galdua galdu den lekuan bilatu behar da, eta bai aurkitu ere. Beraz, Jainkoa ere galtzen den lekuan, hemen bilatu behar da, eta ez beste munduan, zeren hemen galtzen baita, eta ez han. Esan komuna da, eta ongi esana da, lehen ere esan dugun bezala, ez diezaiokeela inork ere inori hainbat kalte eta bidegabe egin, nola berak bere buruari. Mundu herri guztiak ere, baldin zerorrek biderik ematen ez badiozu, ezin egotz zaitzake infernura. Baina zerorrek, bat baizik ez zarelarik, zerorrek egozten duzu zeure burua. Ez zaitezela izan, bada, zerori zeuretzat horren etsai handia; erruki zaitez zeure buruaz. Non tardes converti ad Dominum et ne differas de die in diem (Si 5:8). Ez dezazula berant, ez dezazula luzat. Bihur zaitez lehen baino lehen zeure Jainkoagana; ez zaitezela ibil gerotik gerora, egunetik biharrera. Eta ez hala ibiltzeko, kontsidera itzazu infernuko pena handi izugarri haiek, eta, guztien gainetik, sekula amaigabe hura, behin ere ez bukatze hura, eta, bukatzeko esperantzarik gabe, etsia eta desesperatua egote hura. Hartan pentsa ezazu, hartaz egizu pentsamendu, hausnar eta gogoeta. Eta gogoeta harekin lokar zaitez arratsean, eta bai iratzar ere goizean. Eta hala egiten duzula, eta honen aitzineko kapituluetan eman zaizkizun arrazoiak ere kontsideratzen dituzula, esperantza dut Jainkoa baitan ongi aurkituko zarela, egun beretik bide onean jarriko edo jartzen saiatuko zarela. Eta, halatan, mundu honetako itsaso honen ekaitz guztiak iraganik, azken finean salbazioko portura salburik helduko zarela. Jainkoak hala nahi duela! LIBURU HONETAKO KAPITULUEN KONTUA Kap. I. — Nola besteak beste direla, alferkeriatik ihes egiteagatik ere behar den trabailatu. Kap. II. — Zenbat kalte egiten duen alferkeriak eta nola handik sortzen den gerotik gerora ibiltzea. Kap. III. — Nola nahikunde hutsetan eta desirkunde xoiletan iragaten zaigun denbora. Kap. IV. — Nola ez dugun geroko segurantzarik. Kap. V. — Nola geroko benturaren benturan benturaturik galtzen garen. Kap. VI. — Nola den geroago gaitzago bekatutik ateratzea. Kap. VII. — Nola gerotik gerora ibiltzeaz hartzen den ohitura gaiztoa. Kap. VIII. — Nola ohitura gaiztoak gogortzen eta antsikabetzen duen bekatorea. Kap. IX. — Nola gerotik gerora gabiltzala bete daitekeen bekatuen neurria eta osa kontua. Kap. X. — Anitz balio duela Jainkoaren miserikordiak, eta nola behar den hartan fidatu. Kap. XI. — Jainkoaren miserikordian fidaturik ez dela penitentzia egitea gerorako utzi behar. Kap. XII. — Nola gerotik gerora ibiltzeaz galtzen dugun denbora. Kap. XIII. — Gaztetik zahartzera penitentzia luzatzen duenaz. Kap. XIV. — Zahartzean ere penitentziarik egiten ez duenaz. Kap. XV. — Heriotzako oreneraino bekatutan egon gogo duenaz. Kap. XVI. — Erremusina edo limosna egiteaz eta handik sortzen den probetxuaz. Kap. XVII. — Nola limosnak eta beste obra on, borondatezkoak ere, zerorrek zeure eskuz edo besterenez, zerori bizi zarela, ondokoetara utzi gabe egin behar dituzun. Kap. XVIII. — Nola obra obligaziozkoak, kontzientziaz zor dituzunak, ondokoetara utzi gabe, zerorrek egin behar dituzun. Kap. XIX. — Zenbat kalte egiten duen juramentuak eta juramentu egiteko ohiturak, eta nola behar den lehen baino lehen ohitura hura utzi. Kap. XX. — Zenbat kalte egiten duten kolerak eta etsaigoak, eta nola behar den lehen baino lehen etsaigotik kanpora. Kap. XXI. — Kolera iraungitzeko lehenbiziko erremedioa da batbederak bere kondizio haserrekorra ezaguturik, hari begia edukitzea. Kap. XXII. — Kolera iraungitzeko bigarren erremedioa: dirakien eltzeari egiten zaiona kolerari ere egitea. Kap. XXIII. — Kolera iraungitzeko hirugarren erremedioa: ez orduan lehiatzea, kolera iragan arte pausatzea. Kap. XXIV. — Kolera iraungitzeko laugarren erremedioa da kontsideratzea etsaiek egiten dizkiguten bidegabeak Jainkoaren gaztiguak direla. Kap. XXV. — Kolera iraungitzeko bosgarren erremedioa da kontsideratzea zer moldez dagoen zure etsaia, haserre denean. Kap. XXVI. — Kolera iraungitzeko seigarren erremedioa: ez bilatzea zer dioten gutaz jendeek. Kap. XXVII. — Kolera iraungitzeko gainerako beste erremedioak kapitulu honetan laburzki ezarriak. Kap. XXVIII. — Zergatik behar diogun geure etsaiari barkatu eta amodio eduki. Lehenbiziko arrazoia: zeren Jainkoak agintzen baitu. Kap. XXIX. — Zergatik behar diogun geure etsaiari barkatu. Bigarren arrazoia: zeren mendekatzea beretzat begiratzen baitu Jainkoak. Kap. XXX. — Hirugarren arrazoia, eta oraingoz azkena: barkatu behar diogu geure etsaiari, Jainkoak guri barka diezagun amoreagatik. Kap. XXXI. — Zenbat kalte egiten duen haragiaren bekatuak, lehenbizikorik itsutzen duela adimena, eta nola behar den hartan sartzetik begiratu, eta sartuz gero ere, lehen baino lehen ateratzen saiatu. Kap. XXXII. — Haragiaren amodio desordenatuak egiten duen bigarren eta hirugarren kalteaz: ez duela den ahaikorik hurkoenaz ere konturik egiten eta ez hartako juramenturik konplitzen. Kap. XXXIII. — Haragiaren amodio desordenatuak egiten duen laugarren kalteaz: amoltsu eta bakezko zirenak egiten baititu krudel eta gerlati. Kap. XXXIV. — Haragiaren amodio desordenatuak egiten duen bosgarren kalteaz: sosegurik eta pausurik gabe ipintzea. Kap. XXXV. — Haragiaren bekatutik begiratzeko eta handik heldu diren kalteen erremediatzeko lehenbiziko erremedioa eta bidea: orazioa. Kap. XXXVI. — Haragiaren bekatutik begiratzeko bigarren erremedioa: hartako gogoetei lekurik ez ematea. Kap. XXXVII. — Haragiaren bekatutik begiratzeko hirugarren erremedioa: borondatearen erabakia. Kap. XXXVIII. — Haragiaren bekatutik begiratzeko laugarren erremedioa: ez alfer egotea. Kap. XXXIX. — Haragiaren bekatutik begiratzeko bosgarren erremedioa: kontsideratzea zein ttipia eta laburra den hartako plazera. Kap. XL. — Haragiaren bekatutik begiratzeko seigarren erremedioa: hartako plazerak zein ondore gaiztoa bere ondotik uzten duen kontsideratzea. Kap. XLI. — Haragiaren bekatutik begiratzeko zazpigarren erremedioa: bost zentzumenez, eta lehenbizikorik begiez, kontu edukitzea. Kap. XLII. — Haragiaren bekatutik begiratzeko zortzigarren erremedioa: mihiaz eta gustuaz kontu edukitzea. Kap. XLIII. — Haragiaren bekatutik begiratzeko bederatzigarren erremedioa: sabelari ez sobera ematea. Kap. XLIV. — Haragiaren bekatutik begiratzeko lehenen gainerako erremedioak. Kap. XLV. — Nola gerotik gerora gabiltzan bitartean alha zaigun kontzientzia gaiztoa. Kap. XLVI. — Nola gerotik gerora gabiltzan bitartean galtzen dugun kontzientzia onaren bakea eta sosegua. Kap. XLVII. — Nola oraindanik behar dugun, geroko begira egon gabe, ontasunean irauten eta pertseberatzen saiatu. Kap. XLVIII. — Nola, ikusirik infernuko bidea den gaitzago paradisukoa baino, behar den gerotik gerora ibiltzea utzi. Kap. XLIX. — Nola paradisuko bidea den erraz. Kap. L. — Nola paradisuko bidea den errazago infernukoa baino. Kap. LI. — Nola ez den konfesatzea gerotik gerora luzatu behar. Kap. LII— Maiz konfesatzeaz eta handik heldu den probetxuaz. Kap. LIII. — Nola gerotik gerora luzamendutan dabilenak egiten dion bidegabe Jainkoari. Kap. LIV. — Nola luzamendutan, gerotik gerora dabilenak egiten dien bidegabe Aingeruei. Kap. LV. — Nola gerotik gerora luzamendutan dabilenak egiten dien bidegabe bere buruari, bere kristau lagunari eta bai munduko beste gauza guztiei ere. Kap. LVI. — Nola infernuko penen kontsideratzeak behar dituen gerotik gerora ibiltzeko luzamenduak laburtu. Kap. LVII. — Bekatoreak infernuan izango duen bigarren penaz eta gaztiguaz, zein deitzen baita poena sensus, sentsuaren pena. Kap. LVIII. — Nola infernuan daudenek ez duten handik ateratzeko esperantzarik. Kap. LIX. — Ea zergatik hain denbora apurrean eta laburrean egiten den bekatuari ematen zaion hain gaztigu handia, luzea eta sekulakoa. Kap. LX. — Zergatik Jainko miserikordiosoak denboraren buruan bederen ez dien infernuan daudenei barkatzen honetan eta ez bestean ere. FINIS
booktegi.eus POESIA BILDUMA ura Kale irakurraldia 2018ko maiatzaren 5ean 12:00 Hernaniko Biteririk abiatua Liburuxka honek Hernaniko “Kale Literatura” irakurraldietan du sorburu. Irakurraldiok gai edo beste aitzakia (liburua, diskoa,…) baten inguruan antolatzen ditugu, udazkenean eta udaberrian, literatura modu ludikoan gizarteratzeko asmoz. Oraingo honetan, “Euskara Ari Du” ekimenarekin bat eginez, URA izan zen irakurraldiaren gai nagusia. Larunbata eguerdia pasatu genuen lagun giroan, modu kooperatiboan jasotako hogeita bost testuok elkarrekin irakurriz, Hernanin dauden bost iturri gunetan —Urbieta kalea, Atarrabiyo parkea, Zinkoeneako iturria, Ezkiaga pasealekua eta Leoka labaderoa—, literaturarako eta euskararako txoko horiek espazio publiko gisa aldarrikatuz. Musikarako eta trago bat hartzeko uneak ere izan genituen, ondo pasatzea eta lagunekin elkartzea gure helburu nagusiak baitira. Azalean agertzen den irudia gure azken geltokian hartutakoa da —Leoka, antzina emakumeen topalekua—, non mila urte eta gero oraindik ere ura bor-bor ari duen. AURKIBIDEA 1. GELTOKIA Moldatzen Audre Lorde Banpiroei buruzko istorioa Mario Benedetti Ekarri didazu gogora Isabel Diaz Iturrian Bitoriano Gandiaga Ibaia Joseba Sarrionandia 2. GELTOKIA Ikazkin liluratua Tene Mujika Itsaso puska bat Andoni Tolosa Itxasoan zarete ezkutatzen Martin Chaplin Iturri zaharretik Joxan Artze Noiztenka bere oinak iturrira... Itxaro Borda 3. GELTOKIA Izaki bizi guztiak bezala Paolo Consigli Kanpoan euria Unai Baztarrika Ura iturrian behera Leire Bilbao Uraren erromeria Maria Merce Marçal Mendi gailurretatik Friedrich Nietzsche 4. GELTOKIA Uraren estratak Miren Agur Meabe Mundu modernoa Maude Barlow - Tony Clarke Negu atarian Patziku Perurena Nire ibaia Koldo Izagirre Orinoco ibaia Balendiñe Albizu 5. GELTOKIA Oyaneko iturria Gabirel Manterola Sommelier Antonio Casado da Rocha Ura Damián Pedrosa Zakhur hil bati Jon Mirande Zerbaiti eustea Marina Garcés 1. GELTOKIA Moldatzen Audre Lorde Bost egunez egin du euria goiti-beheiti putzu biribil bat da mundua eguzkirik gabeko ura non uharte txikitxoak hasi berriak baitira moldatzen. Mutiko gazte bat nire lorategian ura ateratzen ari da bere lore-sailetik zergatik? galdetuta esan dit eguzkia ezagutzen ez duten hazi gazteak ahaztu eta aise itotzen direla. Banpiroei buruzko istorioa Mario Benedetti Bazen banpiro bat ura urrupatzen zuena gauetan eta ordu txikietan eguerdian eta afari orduan Odol abstemioa zen eta horregatik zen beste banpiroentzat lotsa iturri Korrentearen kontra banpiro anonimoen elkarte bat sortzea erabaki zuen, hilbehera garaian kanpainia egin zuen, hilgora eta hilargi betean bere pankarta xumeek zera aldarrikatzen zuten banpiroak ! edan ezazute ura ! odolak kantzerra sortzen du! Kiropteroek argi zuten, beraien itzalezko agoretan bildurik, hori harrigarria zela zuten iritzi, ero horrek, aluzinatu horrek banpiro ahulak komentzitu ahal zituen, odolaren ostean boldoa xurgatzen duten horiek. Beraz gau batean ekaitzetako hodeiekin, bost banpiro indartsu, hematies, plaketaz eta leukozitoz egarri, ero eta matxinatu hori inguratu zuten, eta berarekin akabatu zuten bera eta bere inprudentziarekin. Behingo batez hilargia azaldu ahal izan zenean banpiro anonimoaren gorpua ikusi zuen han behean, banpiro anonimoaren gorputz gizajoa, jarioz zeuden bost zauriekin, urez osatutako putzu handi bat eginez, hilargiak ikusi ezin izan zuena zera izan zen bost exekutatzaileak zuahitz batean gordetzen zirela eta atsekabez onartzen zutela horrek etzuela gustu txarra Historikoa izan zen gau horretatik aurrera, banpiro ar eta emeek, ez dute odol gehiago xurgatzen ahobatez erabaki zuten urara pasatzea. Horrelako kasuetan gertatzen den bezala banpiro anonimo berezia gurtu egiten da martir gisa Ekarri didazu gogora Isabel Diaz Kafe usaina goizeko ordu txikietan izara ipini berriak lotaratzeko orduan pentsamendu lilia orri zuri artean uraren mintzo gardena gaueko ixiltasunean irrifarre zabala udako ekaitz ostean ostadarraren atea bidea amaitzen denean esku beroa izerdi hotzaren gainean ekarri didazu gogora adiskide mina hau guztia pentsatzen jarrita zer zaren zu niretzat Ibaia Joseba Sarrionandia Ez da Danubio deitzen, ez da Mississippia, Ibaizabal deitzen da nire sorterriko ibaia. Ez da Danubioa, ez da Ibai Horia, erreka labur mehe herdoil urez betea. Han ibiltzen ginen, antzina, hango Harripausuetan... Ez da Danubio deitzen, ez Nilo, ez Niagara, Ibaizabal deitzen da nire sorterriko ibaia. Handik alde eginda, zubirik zubi beti, ez nuen uste berriz topatuko nuenik. Orain barruan sentitzen dut Ibaizabaleko ur uherra. Ez dakit zelan gertatu den ura barrura sartzea. Inoiz edan egingo nuen Ibaizabalekoa. Ez da Danubioa, ez da Ganges saindua, ume denboretako gure erreka lohia. Orain bihotzetik pasatzen zait Ibaizabaleko ur uherra. Ez da Danubio deitzen, Ibaizabal da izena. Handik urrun ibili arren, barrura sartu zaidana. Harrezkero zainetan dabilkidan erreka, neure benetako izenez deitzen didan bakarra. Ur zaharrez berritzen dit gogoa Ibaizabaleko ur uherrak. 2. GELTOKIA Ikazkin liluratua Tene Mujika Neure txondorra utzita iturrira nintzan suila betetzen zegon neskatxa bat bertan. Hark eman zidan ura, ai zer gozoa zan! Geroztik hain gozorik ez dut berriz edan. Ikazkina naizenez ta ikazkintzan beti hain ume ederrik inoiz ez nuan ikusi. Horrela bere itxurak eder, zoragarri gentza lapurtu zion nere bihotzari. Lagundu nion suila burura jasotzen baina ezin ausartu etxera laguntzen. Nahiagatik lagundu ez dakit zer nuen inola asmatu ezin baimenik eskatzen. Itsaso puska bat Andoni Tolosa Itsaso puska bat agertzen da aldiro autopista zubi azpian ijitoek uzten dute gauean han izan dira lanean eta barreiatu dituzte milaka urtetako fosilak eta zabaldu dute arrain ustelen usaina kresala ekarri dute eskuekin jasotakoa horregatik autopista zubi azpian behe lainoak gatza dauka olatuen talka usaindu daitekeela aipatzen du jendeak hondoa jotako baporeen hezurrak ikus daitezkeela eta begiak itxiz gero baita bertako biztanleak anemonak olagarroak ijitoek ekartzen duten itsasoa puskari esker albatrosek kabi egiten dute porlanezko amildegietan eta maria gorarekin baleak datoz Urumean barrena koartelaren eta kartzelaren itzal gaiztoetatik gora haien kantuekin lokartzen gara zer dakite ijitoek hondartzan ebatsi duten itsaso ale horretaz ba al dakite adibidez zenbat aldiz jo ote duen norbaiten ate alboan Ba al dakite honenbestez indarrez ekarri duten itsaso apur horrek ustekabean esnatu egiten duela gurean ozeanoa Itxasoan zarete ezkutatzen Martin Chaplin Argi dago bizitza lurrean ezohiko egitura eta jatorri bitxia duen ur likidoaren baitan dagoela. Organismoak batez ere ur likidoaz osatuak daude. Ur honek funtzio asko betetzen ditu eta ez dugu kontsideratu behar diluiente inerte bat bezala soilik. Garraiatu egiten du, lubrifikatu, erantzun, egonkortu, izendatu, egituratu eta zatitu. Mundu bizia molekula biologiko eta uraren arteko berdinezko elkarte bat bezala ikusi behar dugu. Iturri zaharretik Joxan Artze Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura betiko iturri zaharretik. Iturri zaharretik edaten dugu, ur berria edaten, hitz bizia aditzen, beti berri den hitza, betiko hizkuntza zaharretik. Iturri zaharretik edaten dugu, ur berria edaten, hitz bizia aditzen, kantu zilarra entzuten, beti berri den kantua, betiko isiltasun zaharretik... Noiztenka bere oinak iturrira... Itxaro Borda Noiztenka bere oinak iturrira zuzentzen dira, idorte gorriaren ondotik atseginez hanturik bezala lohitzar bihurtzen diren lur-mokorretan lerratzear. Urrats dudakorrak hats-ikara bahitzen dion unean, urteak, hilabeteak, asteak eta eguneko ordu-izpiak oro egarriak hilik daramatzala ohartzen da, eta argiaren urrezko leinu hurbila bilatzen du basamortuko kaltzio gostuko uraren ixuri ixilean. Izpiritua huts nahi luke, zeru grisaren doluaren partekatzeko, sai bakartien hegaletan airatzeko, arrotz egiten gaituen altzairu-urrinaren ahanzteko, izpiritua huts eta gogoa garbi zure aske maitatzeko. Noiztenka bere oinak iturrira zuzentzen direlarik izpiritua huts eta gogoa garbi senti ditzake ur irakina harri hotzetarik ketan altxatzen dela asmatzen duen abendu goiz herabean. 3. GELTOKIA Izaki bizi guztiak bezala Paolo Consigli Izaki bizi guztiak bezala, ura auto antolatutako sistema bat da: ur tanta bat berez unibertso bat da, sustantzia eta izaki biziak dituena eta dardarak sortu eta dardarei erantzuten diena. Eskala handiago batean, gure gorputzean, lurrean eta unibertso osoan gertatzen diren patroi eta sekuentzia berdinak aurkitzen ditugu. Ur tanta hau unibertsoen artean txikiena da baina guztien artean baita unibertsalena eta berezkoena. Kanpoan euria Unai Baztarrika Kanpoan euria ari du. Leihoez at, tantak sigi-saga kulunkatzen dira inorako bidean. Barruan, guztiak arrunt jarraitzen du. Barruan, aurpegiek ez dute keinurik. Fabrika zaharreko tximiniei kea darie. Autoen joan-etorria errepidean. Klixeak dira noski. Film honetan euria ez da atrezzoa eta euria ari du. Hodeiak beltz eta lodi. Pantaila ederra da leiho zuriez gaindikoa laukizuzena eta ertz zehaztuen jabe. Kanpoan euria ari du eta gaur ere arropa urratuak ez dira lehortuko. Ura iturrian behera Leire Bilbao Bizi garen alde honetan erloju-orratzen aldera biratzen joaten da ura iturrian behera. Bizi zaren alde horretan beste aldera. Horregatik azken tantak erortzen utzi aurretik itxi nahi izan dut iturria, ez gaitezen bakoitza bere aldera jiratzen joan. Ontziak harraskan geratu dira eta gaur ez didazu oheratu aurretik baso bete ur ekarri. Iturri bat zabalik entzuten dudanero esan, erantzuten diot. Uraren erromeria Maria Merce Marçal Artagairik gabe, badakit, buru eta abururik gabe maite zaitut. Ez da oin bakarrik ez eta buztanik, denak baitoaz zuzenki uraren festaburura: Aiztoa eta oihana, ardoa eta odola eta ogia eta ahoa. Ubidea eta uholdea, arrosa eta aizturrak, mihiseak eta ohea, iturria eta egarri leinurua. Dorre eroria eta zeruan iruten den adarra. Hondar hilaren gainean, erretzen duen izotza. Bururik eta ezer gabe, abururik eta artagairik gabe, nire gorputzaz eztia egiten duten erle txikiak, arbola arteko leze iluna, hatza galtzen duen amodioa. Uholdea eta iturria, ahoa, ardoa eta egarria. Hondarra, odola eta aiztoa, oihana eta izotza eta urezko suhaka hau eragin duen sua. Mendi gailurretatik Friedrich Nietzsche Oi bizi-eguerdi au! Yaiaroa! Oi uda-baratza! Ezin egonezko zoriona zutik, zelatan eta zai:— adixkideen nago zai, gau ta egun gertu. Non zaudete, adixkideok? Zatozte! Ba da ordu! Ba da ordu! Ez al zan zuentzat izotz arrea gaur larrosaz apaindu bai'da? Zuen billa dabil latsa, irrikiz oldartzen ta bultzatzen dira gaur aize-odeiak ortze urdin gorenean, urrunetik zuei begiratu-naian txori begiz. Gorenean ipiñi dut naia zuentzat:— nor bizi da izarretatik. Leize-ondo latzenetatik aiñen urbil? Nire yaurerria —zein yaurerrri da, edatzenago? Eta nire eztia —nork du dastatu?... —Or zarete, adiskideok! Ondikoz, ni ordea ez naiz ikusi nai zenuten ura! Zalantzan zaudete, arriturik —ai, obe aserre ba'zindezke! Ni —ez naiz ura gehiago? Aldaturik eskua, urratsa, arpegia? Eta naizena, zuentzako adixkideok —ez naiz? Beste bat billakatu naiz? neure buruari arrotz? neure buruari iges egiñik? borrokari bat, maizegi beraren burua garaitua? maizegi beraren indarrean aurka gogor egiñik, beraren gurendak zauritua ta lotua? Oi gaztaroko irrikia, okerreretu dana! Irrikitzen nituenak, nire kide ta niretaratu uste nituenak, zârtzeak ene gandik aldendu ditu: Aldakor dana baizik ez dago nire kide. Oi bizi-eguerdi au! Bigarren gaztaroa! Oi uda-baratza! Ezin egonezko zoriona zutik, zelatan eta zai! Adixkideen nago zai, gau ta egun gertu, adixkide berrien! Zatozte! Ba da ordu! Ba da ordu! 4. GELTOKIA Uraren estratak Miren Agur Meabe ITURBURUA Ura, lehen ispilua. Dardara bat ur beltzean. Ilargiak pa uraren haragiari: ispiluaren metamorfosia. Itzalak ihesi; erloju bat jaio da. Ama ura, menstruazio-odola. ARROILA Hodeia, izotza, xirripa, turrusta, olatua, lanbroa, istila. Uraren hizkuntza. Onddoa, ihia, goroldioa, iratzea, lorea, igebelarra, alga. Uraren hizkimizkia. Larba, igela, txoria, inurria, otsoa, marraxoa, gu. Uraren ideia. Odola, gernua, hazia, amniosa, izerdia, adurra, malkoa. Uraren hieroglifoa. UBERA Amodioaren jokoan jokatzea: ur ertzean etzatea, beso betean; barre egitea, begiak itxita. Maitatzea, hitz hori ahoskatzeke. URTEGIA Urak neure izenez hots egiten dit, bere bularrak eskaintzen. Arantza bat da egarri hau. Nire kriseiluarekin ahotsak argitzen ditut; nire baratzean oroimena erretratatzen. Ez dira uretan idaztekoak nire hitzak. Ura dut lagun bataio honetan: uretan sartzen ari naiz bizia, uretan sartzen dihardut bizitza. Urari nire egarria. UHARTEA Beldur bazara, begiratu zure uharteari: ez du ezagutzen sarerik. Harkaitzak aldarazten dituzte urek, labirinto opakuak ere higitzen. Mundu modernoa Maude Barlow - Tony Clarke Kultura moderno aurreratuek soilik ez dute ura gurtu, naturarekiko nagusitasunaz sinestuak eta salerosketaren grina sustatzen tematuak. Mundu guztiko aldeetan konsekuentziak nabarmenak dira. Hiri eta basamortuak erretak, eremu hezeak suntsituak, ur bideak kutsatuak, animali eta haur asko hiltzen diren bitartean. Negu atarian Patziku Perurena Etxe azpiko pareta kontran Pilaka enbor kondoskak, Haizeak nonahi txokoratuak Bazterka horbel mordoskak Intxaur koskorrez bete beteak Atari gaineko koskak. Zuriz jantziz biziaren mingaina Zatoz negu bete, zatoz nigana! Aska zaharreko ur axalean Isiltasuna plastaka, Zirri zarraka gau zomorroak Izu gainez arrastaka, Oinaze puxkak zilarrez josten Izar zorrotzak sastaka. Zuriz jantziz biziaren mingaina Zatoz negu busti, zatoz nigana! Teila gainetan irristan datoz Jainko urtuen malkoak. Eguzki hilen herdoiak janak Hegats ertzeko lakoak. Hairi zaharrak itotipean, Minak zulatutakoak. Zuriz jantziz biziaren mingaina Zatoz negu mina, zatoz nigana! Zeruko zolan hotza larrutzen Denboraren hazkazalak, Haizea zorrotz, gorriz pintatzen Lurraren bekain zabalak, Loa kristalduz ixtera doaz Neguaren betazalak. Zuriz jantziz biziaren mingaina Zatoz negu, zatoz isil, nigana! Nire ibaia Koldo Izagirre Nire ibaia ez dator itsasora nire ibaia ez da ibai Inoizko ubidea Kantari ez dakien erretena Ur mehea dakar baina Leporaino hartzen nau Nire ibaia ez dator itsasora Nire ibaia ez da ibai Erreka auspeztua Izar bakarreko ispilua Ez nau hezatzen baina Busti egiten nau Nire ibaia ez dator itsasora Nire ibaia ez da ibai Ezin ditu bi bazter Lizarrik gabeko errekaldea Ez dakit nora baina Eraman egiten nau Nire ibaia ez dator itsasora Nire ibaia ez da ibai Egarriaren lotsa Hodei nekatu baten malura Ez nau asetzen baina Ito egiten nau Orinoco ibaia Balendiñe Albizu Zillarrezko printza zera, Orinoco ibai eder aundia, Atlantiko itxaso ertzera eramaten dezu bizia. Ain aundia da zure izatea iñola ere ez zera agortzen zu beti zaude urrez betea gaitz da benetan zu amaitzen. Diamantezko dizdirakin, eguzkiak urdin zaitu apaintzen, gero, urrezko margo zoragarriakin illunabarrean zaitu biltzen, biok bat eginda, maitaleak lez itxasoan zerate ezkutatzen. 5. GELTOKIA Oyaneko iturria Gabirel Manterola Odoldiari mosu emonaz agertuten dan iturritxoak oyanean; bere txokotik urten daneko txori-agurrak pozarren dantzuz ostopean. Axe bigunak esku legunaz arpegitxoan iguzten dautso aizkide lez; ta ur garden, garbi yayoparriak bere esker ona dautso agertzen irribarrez. Zear-mearka bildur-ikaraz ibili dabil ezautzeztaben bidetxoan; eta zertxobait nekau bailitzan geldituten da bidean daurkin txokotxoan. Baña arpegia txoko ertzera agertu dau ta bean ibai bat ikusirik, zer ete dagon yakinguriaz amildegitik doa ikotika geldi barik. Zerbait izukor urreratu da ibaira baña, gaxoa alako uste barik, ta, ara ur loyak barruan dauzan ibai zikiñaz non gelditzen dan bat egiñik. Irudi ontan zenbat ta zenbat euskotar gaste geinkez ikusi antzeztuta; Au bai tamala..! Oyanetako ur garden leuna, loi dan uragaz alkartuta...! Sommelier Antonio Casado da Rocha Uda honetakoa gogoan dut musketa exotiko xarmanta espezia eta abrikotekin mertxika litxi misteriotsu eta amusagarri plastikozko botila txuri bat Bristoleko ur epel nire eskuan zeharkatzen ari nintzela Avon ibaiaren ertza batetik bestera Clifton zubiaren gainean uztaileko arratsalde bero batean 2013koa baina gehiago daude gerezi eta andere-mahats fresko fruta ugaridun piper hauts ukituekin eta bukaera iraunkor Huescako ur delizios hotza harrizko iturrian Petretxema eta Atxerito igo eta gero aspaldiko 1996ko abuztuaren hasieran hasteko eta jarraitzeko reserva bat ala beste ahantzi gabe iazko uzta gaur dastatutakoa jengibre eta lima lurrinezko txinparta gutxiekin plastikozko baso bat Hernaniko txorrotako ur gasdun Santa Barbara mendiko tontorrean sagarrondoen artean hegan egiten gehiago ala gutxiago izateak lehena edo azkena ez du axola segi ezazu korrika egiten ase arte segi ezazu edaten. Ura Damián Pedrosa Ur-bizitza, denboraren dimentsioa eta materiaren hezur-mamitzea. “Dena ura zela” ondorioztatu zuenean zuzen ibili zen Tales. Materia-unibertsoaren misterioak ebatzi zituen berak, baina, guretzat, Platonen “ideien munduaren” semeentzat, ideiek ere hasiera berdina dute: ideiak ura dira. Ura gardena bada, orduan garbia, berezkoa; eta ideiak gardenak badira,orduan benetakoak. Argia pasatzen uzten duten gorputzen arima gardentasuna da, gardentasuna ere konfiantzazko baliabidea da, egia loratzen laguntzen duena. Noizbait beharrean, etengabe ematen diren gardentasuna eta egia; ura bezala, mugitzen birsortzen dena; denbora bezala, materia-mugimendua dena; “dena joan-etorria” baita –Heraklitok zionez. Horrela, pentsamenduaren joan-etorriak dira gure ideiak, eta gure hitzak ur-iturriak non besteen gorputzen egarria ase, non maitatua izatearen egarria ase, non bizitza-egarria ase. Zakhur hil bati Jon Mirande Zakhur zahar bat errekan —nehork ez jakin nondik jinik— zakhur bat zoan errekan uretan gaindi, arhin, hilik. Ur luminos, hotx, gardenek laztantzen zuten berhilkia; sorgin-orratz botz, lerdenek miresten zuten sarraskia. Goizean goiz urera jin arrantzaleek agurtzen zuten. Noizean noiz, arrantzaleen hamu tzarrek sistatzen zuten. Naosiak atzo itho zun zabar egin baitzan zahartuz: Landeretan etzaten zan landan behiak ezin zainduz. Norat, erradak, errekan uraren hotxez konkorturik, norat ba hoa itsurat, hilaren hotzez gogorturik? Ur luminos, hotx, gardenek ahantzi zuten sarraskia; sorgin-orratz botz, lerdenek entzuten orhoit berhilkia... Nik soilik, arima baithan usnatu nizun hil usaina. Nik soilik nire Ekklêsian dut ohoratu hil anaia. Zerbaiti eustea Marina Garcés Zerbaiti eustea ez da bakarrik jasatea edo aguantatzea. Jasan besterik nahi ez duena, harri bihurturik edo apurturik amaitzen da. Askotan, gehiegitan, bizitza engaiatuak bihurtzen dira bizitza dogmatiko, bizitza erreta. Eta erre diren bizitzek ondoriorik gaiztoenak dakartzate: zinismoa, samintasuna, norberekeria, gaitzondoa. Eustea ez da jasatea, iraun ahal izatea baizik. Iraunkortasunari eustea zaila izan daiteke, baina ez da zurruna. Jaso eta hartu, askatu eta berrartu, ikasi eta ulertu. Management munduan eta emozioen kudeaketan, arrakastatsua da olatuak surfean hartzearen irudia. Malgutasunaren balio ekintzailearen irudi egokia da: erori egin hondoa jo gabe, berriro gorantz egiteko. Baina sartu-irtenak egitea ez da surf egitea: gu geu olatuak izaten ikastea da.
Aurkibidea Gure –literaturaren– osasunerako. Angel Erroren hitzaurrea Mugetan, Hasier Etxeberria, Elkar, nobela, 1988. Buruxkak, Jean Etxepare Bidegorri, Elkar, artikuluak, 1989. Bi anai, Bernardo Atxaga, Erein, nobela, 1985. Ahardikeriak, Marie Darrieussecq (Joxan Elosegi), Alberdania, nobela, 2004. Eta emakumeari sugeak esan zion, Lourdes Oñederra, Erein, nobela, 1999. Joan zaretenean, Jokin Muñoz, Alberdania, nobela, 1997. Hau mundu arrano hau, Juan Bautista Bilbao Batxi, Susa, artikuluak, 1997. Ipuinak, Gabriel Aresti, Ikeder, narrazioa, 2007. Pasio hutsa, Annie Ernaux (Joseba Urteaga), Igela, nobela, 2002. Euri kontuak, Jose Luis Otamendi, Susa, narrazioa, 1999. Hitzak eta giltzak, Iñigo Aranbarri, Alberdania, saiakera, 2001. Hilerriko jolasak, Pilar Iparragirre, Elkar, nobela, 1989. Camembert helburu, Jon Alonso, Susa, saiakera, 1998. Isturitzetik Tolosan barru, Josanton Artze, Pamiela, poesia, 2007. Mugaldeko jendea, Xose Luis Mendez Ferrin (Bego Montorio), Elkar, narrazioa, 1998. Malintxearen gerizpean, Amaia Lasa, Pamiela, narrazioa, 1988. Tetris, Luistxo Fernandez, Elkar, artikuluak, 1995. Botoiletan, Antton Luku, Maiatz, narrazioa, 1998. Itzulera baten historia, Martin Ugalde, Elkar, nobela, 1990. Ilusioaren ordaina, Laura Mintegi, Erein, narrazioa, 1983. Gauza baten ametsa, Pier Paolo Pasolini (Josu Zabaleta), Alberdania, nobela, 1998. Hatza mapa gainean, Pello Lizarralde, Pamiela, nobela, 1988. Dirua galgarri, Mariano Izeta, Auspoa, nobela, 1962. Lehenago zen berandu, Arantxa Iturbe, Alberdania, narrazioa, 1995. Langosta baten inguruan, Telesforo Monzon, Elkar, artikuluak, 1995. Teleamarauna, Mayi Pelot, Maiatz, narrazioa, 1987. Euskal Erria, Salvador Espriu (Juan San Martin), Egan, poesia, 1967. Bazterrekoak, Xabier Aldai, Susa, narrazioa, 2000. Atzo, Agota Kristof (Eskarne Mujika), Alberdania-Elkar, nobela, 2003. Mendekoste gereziak, Jean Etxepare Landerretxe, Erein, narrazioa, 1991. Ipuin euskaldunak, Iban Zaldua / Gerardo Markuleta, Erein, narrazioa, 1999. Emakumeak idazle, Itxaro Borda, Txertoa, saiakera, 1984. Zoperna jenerala, Luis Berrizbeitia, Pamiela, poesia, 1987. Hunik arrats artean, Anjel Lertxundi, Lur, narrazioa, 1970. Eguzkipekoak, Pablo Sastre, Alberdania, artikuluak, 2003. Hamairu ate, Askoren artean (Joseba Sarrionandia eta Mitxel Sarasketa), Elkar, narrazioa, 1985. Dantzaldia, Irene Nemirovski (Eider Rodriguez), Txalaparta, nobela, 2006. Atlantidara biajia, Jokin Muñoz, Alberdania, narrazioa, 2000. Hezur gabeko hilak, Xabier Montoia, Susa, nobela, 1999. Piztiak, Miguel Torga (Bego Montorio), Alberdania, narrazioa, 1997. Edo zu edo ni, Ixiar Rozas, Erein, nobela, 2000. Telefono kaiolatua, Harkaitz Cano, Alberdania, narrazioa eta poesia, 1997. Bazterrak, Uxio Novoneyra (Koldo Izagirre), Pamiela, poesia, 1988. Herriko bozak, Piarres Larzabal, Auspoa, antzerkia, 1962. Ilargia lekuko, Jexux Mari Mendizabal, Erein, narrazioa, 1989. Hirira doan bidea, Natalia Ginzburg (Pello Lizarralde), Igela, nobela, 2001. Sasiak ere begiak baditik, Aingeru Epaltza, Elkar, nobela, 1986. Poemas naufragos, Askoren artean (Joseba Sarrionandia), Susa, poesia, 1991. Koaderno gorria, Arantxa Urretabizkaia, Erein, nobela, 1998. Aberriaren alde (eta kontra), Ramon Saizarbitoria, Alberdania, saiakera, 1999. O tempora! O mores!, Eduardo Gil Bera, Pamiela, saiakera, 1989. Egiaren egarriz, Henriette Aire, Maiatz, poesia, 1989. Akaso, Juan Garzia, Erein, narrazioa, 1987. Mundu txikia, Alberto Barandiaran, Susa, narrazioa, 2005. Kadrila alegera festan da, Jose Enrike Urrutia Capeau, Pamiela, narrazioa, 1988. Munstro abertzalea, Ignazio Aiestaran, Elkar, poesia, 2003. Ixtorio hautatuak, Roald Dhal (Luis Berrizbeitia), Elkar, narrazioa, 1996. Neronek tirako nizkin, Sebastian Salaberria, Hauspoa, narrazioa, 2016. Gabeziaren khantoreak, Tere Irastortza, Pamiela, poesia, 1995. Eldarnioak, Karlos Linazasoro, Erein, narrazioa, 1991. Urtemuga lehorraren kronika, Itxaro Borda, Maiatz, nobela, 1989. Oraingo gazte eroak, Joxe Azurmendi, Enbolike, saiakera, 1998. Politikaren atarian, Rikardo Arregi, Lur, saiakera, 1969. Patri maitea, Hasier Etxeberria, Alberdania, artikuluak, 2003. Maitalea, Marguerite Duras (Mikel Garmendia), Ibaizabal, nobela, 1996. Hodei berdeak, Jon Alonso, Susa, nobela, 2003. Dramak, Abelino Barriola, Euskal Editoreen Elkartea, antzerkia, 1988. Ero hiria, Javi Cillero, Alberdania, narrazioa, 2006. Kaliforniatik bihotzez, Joseba Gabilondo, Elkar, artikuluak, 1992. Joanak joan, Jon Etxaide, Erein, nobela, 1986. Bertso bilduma, Pierre Topet Etxahun, Elkar, poesia, 1987. Tiroa kontzertuaren erdian, Belen Gopegui (Ainhoa Caballero), Txalaparta, saiakera, 2011. Septentrio, Aurelia Arkotxa, Alberdania, narrazioa, 2001. Bakartasunaz bi hitz, Filipe Bidart, Txalaparta, narrazioa, 2004. Beribilez, Jean Etxepare Bidegorri, Euskal Editoreen Elkartea, narrazioa, 1987. Ezezagun baten kuadernoa, Mari Jose Kerejeta, Kutxa, poesia, 1988. Bezperaren bezpera, Aingeru Epaltza, Pamiela, saiakera, 2007. Mea culpa, Uxue Apaolaza, Elkar, nobela, 2011. Egunero hasten delako, Ramon Saizarbitoria, Lur, nobela, 1969. Literatura eta harrikoa, Inma Errea, Pamiela, saiakera, 2003. Leuropa, Pablo Sastre, Susa, nobela, 2002. Gauaz parke batean, Jon Mirande, Elkar, narrazioa, 1984. Mila ezker, Garbiñe Ubeda, Susa, saiakera, 2009. Lagun izoztua, Joseba Sarrionandia, Elkar, nobela, 2001. Larrosak, noizean behin, Jon Iriberri, Erein, poesia, 1990. Apoa eta beste, Marie Louise Legorburu, Maiatz, narrazioa, 1998. Urre urdinaren lurrina, Jurgi Kintana, Pamiela, saiakera, 2009. Euskal Herria 2050, Askoren artean, Gatuzain, narrazioa eta poesia, 2003. Errua eta maitasuna, Markos Zapiain, Elkar, saiakera, 2002. Eta harkadian ni, Angel Erro, Elkar, poesia, 2002. Ai, ama!, Arantxa Iturbe, Alberdania, saiakera, 1999. Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri, Koldo Izagirre, Susa, nobela, 1998. Hizlandia, Iñigo Aranbarri, Susa, saiakera, 2006. Hauxe zen posteritatea. Hitzatzea. Gure –literaturaren– osasunerako Angel Erro, idazlea Aspaldiko, oso aspaldiko, eskatima dago antzinako eta modernoaren artean. Irabazle, ibili eta buelta, beti berberak ateratzeak ez du saihesten eztabaida ia termino berdinetan jarraitzea urteetan eta belaunaldietan zehar. Badaezpada gogoratuko dut: modernoak dira azken hitza izan dutenak beti. Horrela izan da, esaterako, Molièreren garaitik hona, irrigarri marraztu baitzituen, orain hiru mende baino gehiago, zahar zale hanpatuak. Onartu dugu eta urteekin garaipen horri etorkizunarenganako halako itxaropena (edo are premia ere) gehitu diogu. Oraina ere zaharkitzapen sentsazio etengabeaz bizitzen hasi gara. Ez da arraroa parranda baten erdian, bidaia batean edo maiteari begietara begira gaudenean une hura disfrutatzearen ordez nola gogoratuko dugun pentsatzen egotea. Hau guztia liburu denden erakusleiho eta nobedade mahaietan ere islatzen da, noski, zer esanik ez literatur kritikarien teklatuetan, liburu atera berriak iruzkintzen lehenak izatearen lehiak jota. Euskal merkatuaren txikitasunak tendentzia hau areagotu besterik ez du egin. Zertarako idatzi kalean hiruzpalau hilabete daramatzan liburu baten gainean, mundu guztiak, irakurri ez bada, bistaz behintzat ezagutzen badu? Nola salduko du horrela kritikariak bere burua deskubritzaile, preskriptore edo connoisseur? Benetan harritzekoa da tradizio faltaz behin eta berriro arranguratzen den gurea bezalako kultura nola batu den hain alegeraki zurrunbilo zoro horretara. Ez du sakoneko beste zerbait salatzen? Berez, joera horren kontra hain modu desinhibituan aritzeagatik beragatik bada ere, biziki eskertzekoa eta laudagarria litzateke Aritz Galarragak Argia aldizkarian hamar urtez egin duen lan ia probokatzailea, aspaldian, oso aspaldian, nobedade izateari utzitako liburuen kritikak idatzita, gaurkora ekarrita, deskatalogatuen bidean pause botoia sakatuta, beharbada idazteaz etsi duten edo zuten idazleei espero dezaketen posteritate ia bakarra eskainita, berak kritika arkeologikoa deritzona eginez. Kritika horien bilduma da begien aurrean duzun hau. Bertan euskal irakurleak, besteak beste, topatuko du bere unean galdu zituenak berraurkitzeko aukera, dagoeneko irakurritakoak gaurko begiradapean berrikustekoa (orduan erreparatu gabeko hainbat kontu, garai bakoitzak bere interesak izaten baititu, ikuspegi berriarekin aurkituta), literatur pasio zaharrekin topatzekoa berriz eta, horrelakoetan gertatu ohi denez, orduko maitasuna berritu edo uxatu, baita guztiz kontrakoa ere, gure gazteagoan ikusezina izan genion obraren baitan menturatzekoa. Hori gutxi balitz, nik plazer testuala deitzen diodan hori eskaintzen dute, eskuarki, Aritz Galarragaren artikuluok, bertan baitarabil, umorez zipriztinduta, ohikoa duen prosa doinu hain bakan eta hain berea. Galarragaren hitzekin eman nahi nioke hitzaurre honi amaiera, berak besteez esandakotik ez gutxi aplikagarria zaiola egiaztatu baitut liburu hau irakurritakoan: “Liburu honekin konfirmatu ditut hiru gauza. Baga, prentsako zutabe, artikulu, kronikak, berriz liburuan biltzeak baduela zentzu, interesik”. “Ahul samar dabil gure kritika —2002an esan zuen jada Jon Benitok—”. “Idatzi izan da, noski, Iban Zalduak inoiz aitzindari deitu dituen haiengandik hasita (…). Baina ez generoa BBVA ligara igotzeko adina, edo adinakoa. Hala ere, eman izan ditu bakan ale bitxiak”. “Hasteko eta behin lotsagabe hutsa du idazkera”, “tarteka ateratzen dizu ez barrea, irriño gaizto bat, begian sartzen dizu hatza, eta egiten du ondo atsegin irakurketa ustez xaloa”. “Eta hori neguko hotza bezain ona iruditzen zait gure —literaturaren— osasunerako”. Schengen aurrekoak Hasier Etxeberria, Mugetan Elkar, 1988 Jurnalista ustez grazios batek, argikari serios honetantxe, zera esan zion Hasier Etxeberriari: Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan liburuagatik zela ezagun idazle modura (nota bene: argikari honek ez du gisa horretako sasi-kazetaririk merezi). Eta Etxeberriak erantzun zion ezetz, noski, Eulien bazka edo Inesaren balada liburuengatik zela ezagunago, hori uste zuela behintzat, baina tira. Gaztak ager ditzadan: 1984tik argitaratzen du libururen bat tarteka, etenik gabe. Zerrenda luzea da, genero ezberdinak, halako baieztapen txepelik entzuteko. Baina kontua da, oraingoan ere, iradokizunei kasu egin ez eta hasieretara jo duela jurnalista ustez grazios eta orain kritikari arropak beztitu dituen honek. Mugetan lehen eleberria aukeratu dio kritika arkeologikoa xede duen saila berrabiatzeko. Labur antzean nobela laburraren haria: Nati eta Mikel harrapatzen ditu poliziak, komisariara eraman, kanta dezaten nork eman zion pistola Tximuri, eraso ekintza armatuen garaiko etakideari. Hori ez, baina ezkutatzeko beste zerbait dute bi atxilotuek, Tximu ere korapilatzen duen zerbait. Eta ezin Mikelek polizia etxekoa jasan: ateratakoak Tximuren arrastoan sartzen du polizia, ezinbestean. Mugetan honek jasotzen du garaiko errealitate politikoa, klabe politikoan idatzitako eleberria izan gabe. Konpromisoa, militantzia, sasia. Baina bestelakoa da interpretazioa, pertsonaiak eta haien barrukoak karraskatzen ditu, Nati eta Mikel ziegara eta Tximu zulora daraman motiboa prosaikoa da oso. Ahaire beltz batean dago idatzia gainera, atxilotuen abokatua baino detektibe ez oso abila dirudien Beistegi izeneko pertsonaiak iradokitzen duen bezala. Schengen aurreko nobela da Mugetan, kronologikoki, baina baita Etxeberriaren bibliografian ere. Ondoren euri ugari egin duela, alegia, eta onerako. Garairako izan zuen meriturik, Olaziregik dio: “Konta-teknika modernoak darabiltza, plano alternantzia azkarrak, zehar estilo askean tartekatutako pasarteak, kameraren begiari jarraiki antolatutako deskribapen objektiboak”. Gaindituak dira, ordea, horiek guztiak, eta irakurketa xalo xamarra, piperrik gabea da gaur egunekoa. Gorabehera urrikoa, zurrunegia, konparazioz betea. Zalantza gutxi: beste eleberri batzuekin lehenaren langa gainditu du Etxeberriak, nabarmen. Lerro beltzari jarraiki, eta gomendioari kasu eginez (azkenik! ), Eulien bazka, esate batera. Eta bestelako lerro batean, bakanago, Iturrino handia bikaina. Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan ahaztu gabe, noski. 2010-09-26 Ez denik ez dela Jean Etxepare Bidegorri, Buruxkak Elkar, 1989 Ez du berritik: aho-betez esaten da literatur tradizio urria dugula, eta santujalea (are Villasanteren Historia de la Literatura Vasca irakurri ondotik). Salbuespenaren bila jo nahi izan nuen: Jean Etxepare (Bidegorri, ez nahas Landerretxe, Gaztea ere deituarekin). Kultua, progresista, laikoa Aldekoaren hitzetan, haren bizitza, obra eta abarrak jorratu zituen Kepa Altonagak Etxepare Aldudeko medikua saioan. Jurgi Kintanak, atzera, idazle ezezagun, bere garaian menostu, baina gaur egun izugarri baliagarriaren bila, Etxepareren izena mahairatu zuen Urre urdinaren lurrina lanean. Horiek gehi legenda beltza: Buruxkak prentsa-artikulu bilduma, 1910ean argitaratu bazuen ere, zentsuratuta egon da hirurogeita hamar urtez. Ez zeukan parerik ordura arteko euskal literaturan, diosku Altonagak. Eta eskandalurako, bi testu: heziketa laikoa mintzagai lehenak (“Apeza ez da eskola emateko egina”); amodio, nola esan, librea bigarrenak (“Nihau, behin ikusirik nago, bortuan, biarnes bat lau zangotako astaña bati lotua (…) Ez zautalarik bizkitartean amodio hori hain bitxia, ez zikina, nola gizona gizonari jarraikarazten duena”). Horiek gehi Jesukristoren aurka inoiz euskaraz idatzi den aurreneko iraina: “Eskuara hoin uzkur balin bada eta kilika, apezek dute hortaratua. Ez noa aski barna: hortaratua dute Galileako zurgin seme pedoilaren irakaspenek”. Horiek gehi, batez ere, Etxepareren prosa, idazkera, aratza eta aberatsa, joskera nola hiztegia, baxenafarra, laborantzaz aparte, erlijiotik kanpoko auziak azter eta idazgaitzat hartu zituen bakarra izateko, gerokoentzat argibide eta etsenplu parerik gabea, edozein gaitaz euskaraz idatz zitekeenaren eta idatzi behar zenaren adibide garbia. Horiek gaur bere graziak. Amen. Egun eskuragarri dugun Buruxkak, 80koa, hirugarren edizioa, berez da irendubakoa, baina nik moztuko nioke zerbait, Piarres Lafitteren sarrera testua. Ez bakarrik edizio zahar zentsuratuaren hitzaurrea delako, baizik eta halako apropiazionismo ariketarik ez baita aspaldian ikusi: Etxepare, urte beltzen ondoren, nola bueltatzen den erlisionearen altzora, katoliko on eredugarriaren itxura hartzeraino. Beste Piarres batek, Xarritonek, dio: gehiegitxo. Edo, tira, ondo pentsatuta ez nuke ezer kenduko eta aho-betez esan dadila literatur tradizio urria dugula, baina batez ere santujalea. Etxeparek berak esango lukeen moduan: ez denik ez dela, hemen, nahiz mundu zabalean. 2010-10-31 Obaba non den Bernardo Atxaga, Bi anai Erein, 1985 Jakin nahi duenak Obabakoak ipuin bildumara joko du, itxura batean, sudurrari jarraiki. Eta ez da biderik luzeena, noski, nahiz eta Obaba, aipatu lanean baino lehen, agertu izan den beste zenbait lekutan. Obabakoak bera osatu aurretik bertako hainbat ipuin irakurri ahal izan ziren solte, han-hemenka. Bilduma irekitzen duen “Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena”, esaterako, 1982an. 84koa den Sugeak txoriari begiratzen dionean delizios hori ere geografia hartantxe kokatu zuen Atxagak, beste liburu batzuen artean. Lehen aldiz baina, era oso eta sakonago batean Obaba non den benetan erakutsi ziguna (kontakizunaren gaitasun sinbolikoa, ahots desberdinen erabilera, errugabeen presentzia Javier Goñiren arabera) Bi anai izan zen. Ramon Sanchez Lizarraldek berresten du intuizioa. Bi anai, nobela motza, nubela, 85ekoa, Obabakoak anaia handiaren itzalak, ba hori, itzaletara kondenatua, baina ez horratik balio gutxikoa. Iñaki Aldekoa da oraingoan laguntzera datorrena, 80ko hamarkadako nobelarik onenetakoen artean sartzen duenean. Ea zergatiak. Bi anaietako batek, Danielek, badu zerbait, “buruan kanta ttiki bat besterik”, besteengandik diferente egiten duen zerbait. Eta umezurtz geratzen direnean, Paulo anaia gazteak, hamabost urte, hartu beharko du zaintzan, lotu beharko du motzean herriaren ustezko harmoniak krak egingo ez badu. Pultsioak ez dira eusten erraz, tentsioak sortzen dira Carmen eta Teresa eta gainerako gizon-emazte zuzen eta korrekto eta mantxarik gabeekin. Mugimendu batek patua markatuko dion arte. Kontakizuna, bestela ezin, bukatu behar den bezala bukatuko zaigu. Ezen tragedia baita Atxagak azaltzen diguna, tragedia, narratzaileak txori, katagorri, suge edota antzara badira ere. Tragedia, nahiz eta azalean istorio lau, bele xamarra dirudien kontatzen dena. Tragedia, sistema gizabanakoaren gainetik dagoela erakusten baitigu, desberdinak taradunak arraroak taldetik kanpo behar duela taldeak aurrera egin nahi badu, diferentea sakrifizioan ematen dela auskalo zein asmo gorenen izenean. Eta onena, hori denori parodiaren bitartez egiten duela, fantastiko baino kontakizun miragarriarena, buelta ematen zaiola genero horretako irakurketa onbera eta azukretuari, ifrentzua erakutsi. Ez dago ihesbiderik, ez barkamen, ez erredentziorako lekurik. Horixe da Obaba, lagunok. Bi anai. Atxaga itxuraz orain Yangambira joan zaigun honetan, ez da Obabara bueltatzeko biderik luzeena ez, bistan da, malkarrena. 2010-12-05 Emeki zerri Marie Darrieussecq, Ahardikeriak (itzulpena: Joxan Elosegi) Alberdania, 2004 Hizkuntzak ematen badio literaturari nongotartasuna, Marie Darrieussecq, bistan da, ez da euskal literatura. Aitzitik, euskarak hartzen duen geografiaren baitan sortua baitugu, Euskal Herriko idazletzat har genezake lasai antzean Baionan jaiotakoa. Hartara, eta estatistikarako, hemen aletu nahi dugun Ahardikeriak hau litzateke inoiz gehien saldutako euskal, ezen ez euskarazko, literatur lana. Milioitik gora ale, hogeita hamarretik gora hizkuntzatan (Joxan Elosegik, egoki oso, gurean). Paraliteraturarekin amaitzeko, esan dezagun, bestelako erdal idazle euskal herritarrekin alderatuta zortea-edo izan duela, beste bi eleberri ere badituela euskaraz, Tom hil da eta Herria. Detailea ahaztu gabe: frantsesez idazten duen euskal herritarra dugu Darrieussecq. Harira: tamainako arrakasta lortu zuen eleberriak emazte bat du protagonista, ahardi bilakatzen doana, emeki zerri. Metamorfosiaren ideia ez gutxi landua da, bai, lurrin-denda bateko langileak, joan etorrian, gaztaina-ezkurrez beteriko zelai zabal gozo batean bukatzeraino. Tartean baina, bezeroen apetak ase beharko ditu, ez disgustura, nagusi, senargaiarenak, kiloak hartzen joango da, ugatzak, tonu arroxka bat azalean. Eta istorioak hamaika bizi ditu, hola-hala idatzian jarriko dituenak, aitormen gisara, zerri idazkera betean, eta idazkera zerri askoan. Eleberrian marrazten direnen artean bik ematen dute atentzioa, besteren ondotik: batetik emaztearen egoerak, bestetik gizartearenak. Hasteko, gauzak garbi: “Katearen zuzendariak eskuineko bularra zuen alde batean, eta kontratua bestean”. Eta jardun erdiko lanaldia dauka gutxieneko soldataren ia erdia jasota, basa da zibilizazioa, itxurakeriak blaitzen du dena, politikoek bezperako arrainaren usaina dute, beltzak apenas dabiltza kalean. Emazteak eta gizarteak, biek ala biek dute, geurea izan gabe, geure egunerokoarekin antza izugarrizkoa. Ai, baina umorea, batez ere umorea, eleberria hasi-buka zipriztintzen duena, ez polita, politikoki okerra, tarteka ateratzen dizu, ez barrea, irriño gaizto bat, begian sartzen dizu hatza, eta egiten du ondo atsegin irakurketa ustez xaloa. Ez da hau, nire uste makalean, Darrieussecqen lanik onena, luze gabe euskaraz dituen beste biek gainditzen dutela iruditzen zait. Baina beste bi horiek ez duten bertute bat du honek, irribarreaz gainera: interpretaziorako tarte zabala uzten duela, ateak zabalik, literatura onaren seinale omen dena. 2011-01-16 Hamaika urte Lourdes Oñederra, Eta emakumeari sugeak esan zion Erein, 1999 Mende hasierako ebento literario nagusietako bat izan zen Eta emakumeari sugeak esan zion: irakurleen estimu azkarra (lau edizio lehen urtean), kritikarena, sari zaparrada (Beterriko Liburua, Espainiako Kritika, Euskadi, Zilarrezko sariak), gaztelaniaratze berehalakoa. Joseba Gabilondok gaztigatzen gaitu: ez zen bakarrik gertaera izan, “baizik eta gizarte mailako gertakizuna, guztiok ukitzen gaituen jasokera. Hain zuzen, guztiok —askotan liburua irakurri gabe— iritzi bat izatera bultzatzen gaituen gertakaria”. Pentsa, nobela horrexekin bakarrik Zortzi unibertso, zortzi idazle kanonizatzailean sartu zuten Oñederra, Arantxa Iturbe, Castillo Suarez edota Uxue Apaolazaren aurretik, adibidez. Baina ikus dezagun, tango apokrifo hark zioen bezala, hamaika (11) urte ez direla joaten debalde. Haria arin jostearren, esan, eleberriak Teresa duela protagonista, senarrarekin batera W. izeneko Viena hirira, amorante ohiaren etxera egiten duen bidaia eta egonaldia, lurrikara dakarrena. Eta, Iratxe Retolazak ikusarazi bezala, bestelako lerro ohargarri askoak ugari izan arren (erbesteratze-ezina eta nahia, identitatearen ausentziaren bilaketa, denborak, hizkuntzak, emetasunak, zuritasunak sorturiko mugak), emakumearen hutsunea dugu hemen gai, gailen, gizonekiko bikote harremanen hutsaltasuna, komunikazio eza, Teresa irakur daitekeen neurrian emakumearen irudikapen gisa. Are urrunago joanda, garaiko iritzien arabera klixe mugatuak haustera iritsi zen Oñederra aipatu pertsonaiarekin, euskal emakumearen irudi berri bat emateraino. Ez dakit zehatz gauzak nola ibiliko ziren mende hasiera urrun hartan, baina kosta egiten zait pentsatzea matrimonioaren instituzioa zalantzan jartzeko zalantzak dituena, gizon aktibo-emakume panpina dikotomiarekin bueltaka dabilena, preziatuena birjintasuna dela dioena, nahiz kontra egiteko izan, nahiz planto esateko, euskal emakumearen irudi berriaren paradigma izan zitekeenik. Diskurtso horiek, ideia horien aurkako ideiak hamarkada bat, bi atzeragoko kontua zirela sinetsita nengoen. Edo agian arazoa da ez zutela islarik izan euskarazko literaturan Oñederra iritsi arte. Kontuak kontu, gaur egunean, eta zorionez, gaindituta ditugu halakoak, maila teorikoan bederen, arkaikoak ere iruditzen zaizkigu literaturan. Eta ez dakit eleberri honek atera zenean izandako harrera beroa izango lukeen gaur egunean, segur aski ez. Interesgarriagoa dena, bidenabar, gauzak hamaika (makina bat) urtean bere horretan mantentzea baino. 2011-02-20 Aitaren etxetik askatu Jokin Muñoz, Joan zaretenean Alberdania, 1997 Bada Bizia lo aurreko Jokin Muñoz bat. Ahaztua, atzendua, ezezaguna ez dakit, baina bada izan, eta irakurgarri, noski. Izan zitekeen estreinakoa, Hausturak narrazio lana, 1995ekoa. Izan zitekeen Atlantidara biajia bidaia liburua (nola definitu purrustada kitzikagarri hori?). Haragia ahula da, ordea, eta Joan zaretenean aukeratu diot, nobela nola ez, genero erregea, iragarpen txatxu bat eginda, eta gauzak daudenean, etorkizunean iraungo duen genero bakarra izango dena, akaso besteak bere baitan hartuta, nobela kreola. Edo, itxaron, ez al zen nobela hiltzen ari? Berdin dio, Aingeru Epaltzak aurreratu zigun Muñozen hau bikaina dela. Ikus dezagun. Hiru pertsonaiaren gainean eraikitzen da kontakizuna: Alvaro, lehenik, nagusiki, bera baita narratzailea, bera zuzentzen baitzaio Helenari, lagun izandako neskari. Helena dugu, hain zuzen, bigarrenik, eta hirukia osatzen du Mikelek, Alvaroren gazte garaiko adiskideak. Helena joana zaio dagoeneko, Mikel inpentsan eroriko da Alvaroren txapitulan, jarri berri duen bonba autoaren beste puska bat bailitzan, iragan hondarrak bortizki harrotuz. Mikel mendetan iraunkortasuna eta leialtasuna sobera estimatu dituen mundu ikuskera baten ondorengo da. Alvaro garaiokin hobeto ezkontzen diren ahuldade eta iraungikortasun neurrigabe baten semea. Baina biak ala biak, Helena, zera besterik ez dira: aurrekoek altxatutako etxea defendatu eta iraunaraztera kondenatutako oinordeko ziztrin batzuk. Eta, bai, euskal gatazkaren presentzia etengabe eta molestagarria da hemen ere, Muñozek ohi dituen irudi gogor, kolpagarriez, nolabait esatearren, apaindua, espaloi bazterrean botatako haur-gorpu lehertu haien imajinaz, esaterako. Bai, Bizia lo hartako estilo astun, zurrun, errepikakorra da hemengoa ere, obsesiboa, luze-zabala, Helenari zuzentzen zaio bakarrizketa atsedenik gabean Alvaro nahasia. Bai, Muñozen ibilbide literarioan aurkitzen diren konstanteak ditugu hemen ere, ihesarekiko antsia, distantziaren beharra, errebeldia indibiduala. Bai, errealismoa da hemengoa ere, errealismo psikologikoa, existentzialista nahiago bada. Baina, bikain, harrapatzen du belaunaldi bat, egiten du haren erretratu gordin gupidagabe deserosoa, aitaren etxetik askatzeko aldarria, aurreko belaunaldiek eragiten duten karga arintzeko ariketa, eta egiten du aipatu erremintekin, egiten du ondo, ados izan zein ez, egiten du zerbait mugiarazteko irakurlearen barrunbeetan. Beraz, bada Bizia lo aurreko Jokin Muñoz bat, kurioski, Jokin Muñozen antz izugarria duena. 2011-03-27 Lotsagabe bat idazle Juan Bautista Bilbao “Batxi”, Hau mundu arrano hau Susa, 1997 Ez dadila irakurlea nahas: liburu honen edizioa 97koa bada ere, bertan irakur daitezkeen testuak arinago idatziak izan ziren, gaur mende bat atzera, 1914, 15, 16aren hasieran ere bai. Hortxe azkenekoz, orduantxe hil baitzen Juan Bautista Bilbao, Batxi, marinel hartzen zuen barkua mina batek lehertuta. “Nor da Batxi delako hori baina?”, galdetuko du batek baino gehiagok. “Nor da inongo paperetan agertzen ez den idazle modu hori?”, libururik gabeko idazlea, 1914ko urriaren 25ean euskal idazleen bilera historikoa atzeratzeko beste zena, Bilboko itsasadarrean barrena ezin eginda zebilen eta. Bada, auskalo nor izango zen, baina zer utzi zuen idatzita kontuan hartzeko modukoa da, ezbairik gabe. Hiru ataletan sailka daitezke haren hitz lauzko idazlanak: bertako kronikak, ipuin saioak, atzerriko kronikak. Atzerriko kronikak ditu lan nagusi, Iñigo Aranbarrik eta Koldo Izagirrek apailatu bildumak agerian uzten duen moduan. Kronikaren aitzindaritzat ere hartzen dute hitzaurrean. Haize freskoa, zalantzarik gabe, garai hartako kontagintzan. Hasteko eta behin lotsagabe hutsa du idazkera. Herritik kanpo herrian baino areago, Rotterdamen ez baitago batzokirik, ez karlistak pairatu beharrik Durbanen. Adibidez Italiako Savona hirian, gozatua da, nola azaltzen duen makarroiak metroka jan daitezkeela eta ordaindu gabe ihes egin nahi duen euskaldunaren afera; nola aitatzen dituen alkoholaren kontra egiten duten hizlari mozkorrak; nola Ibarrangeluko batek gauez sardinarekin ingelesak uxatzen dituen, aiztoa duela sinetsarazita. Baina ez pentsa dena jai denik, orain ehun urte jada matrimonio civile bat badela erakutsiko baitigu, txinatarrek Cardiffen bi kale dituztela, Chiness Laundry ugari, Batxik berak bat jarri asmo duela Plaza Barrian. Argentinako euskaldunen egoeraz ere mintzo da, jatekorik ez, eta abisua pasatzen du: “Euskaldunak ez egin hara joateko biderik”. Baina ez pentsa hor geratzen denik, Lehen Mundu Gerrak Hegoaldean duen kronista bakarra bai baita, patuaren gauzak, alemanek jarritako mina batek hiltzen duen arte. Egia da euskotarrez hitz egiten hasten denean (bi euskaldun sei ingelesen aurka garaile jartzen dituenean bezala), Euzkadiz, urrin susmagarria hartzen dutela testuek, ideologia atzerakoia erakusten dutela tarteka (“euskotar onagan ez dagoela opor egitea, ez ugazaben aurka joatea”); baina bestela demasa da bilduma, harribitxia, sorpresa zakua. Eta, besteren gainetik, bilduma lotsarik gabea. 2011-05-08 Ta modernoak “basque speaking” Gabriel Aresti, Ipuinak Ikeder, 2007 Martin Ugalde izan omen zen ipuina literatur genero moderno gisa landu zuen lehen euskal idazlea. 1961era goaz, orduantxe argitaratu baitzuen Ugaldek, Venezuelan, bere euskarazko lehen ipuin bilduma: Iltzalleak (1985eko euskara batuko edizioaz geroztik, Hiltzaileak). 36ko gerran eta ondorengo erresistentzian giroturiko kontuak dira euskarazko lehen ipuin bilduma modernoa izendatu dena osatzen dutenak. Ordura arte ipuina kontakizun erraz, folkloriko eta irrigarria izaten zen, eta Ugalderenek iskin egin zioten kostunbrismoaren eragin zuzenari. Literarioki balioa aitortzen diete Xabier Mendiguren eta Koldo Izagirrek. Ibon Sarasolak, berezko balio literarioa baino, gerraondoko literaturaren jarraipen, literaturaren biziraupenaren balioa eman zion, oro har, erbesteko literaturari. Literarioa eta jarraipenarena, biak iruditu zaizkit bateragarri Ugalderenak irakurri ondorenean. Baina, lehen euskal ipuin modernoez ari ginela, hara non topo egiten dudan liburuxka batekin, apenas 69 orrialde, Ipuinak epigrafea azalean, Gabriel Aresti delako batek sinatutako sei ipuin. Eta gogoratzen dut Susa argitaletxeak egin zuen lan eskerga hartan, Gabriel Arestiren lan konpletoetan, badagoela Narratiba izeneko ale bat, eta hemen ere bildu zirela sei ipuinok (gehi narrazio labur batzuk, gehi nobela bat). Eta 86ra arte liburuan jaso ez baziren ere, gogoratzen dut Egan aldizkarian argitaratu zirela seiak, lehena 1957an, azkena 1962an. Eta kontua da ipuin horiek ere erabat direla moderno, ez inolaz ere erraz, folkloriko eta irrigarri, nahiz eta barrerako tartea ere uzten duten (“Olerkaria” autoironikoak, esaterako). Hiria agertzen da, Bilbo, arazo sozialak, alde ekonomikoak; gaiak dira garaikoak, dirua, lana, giza kondizioa, sexualitatea, idazletza; euskara bera, batua sortu aurreko batua dugu. Ipuinak honekin kontuz, ordea: Xabier Monasteriok eskua sartu du, beharrik gabe, asmo onez, pentsatzen dut, ipuinak moldatuta eta erraztuta eskaintzen dira, baina egungo irakurleak arazorik ez du jatorrizkoekin, zertarako ezer ukitzen ibili beraz. Hobe da, hortaz, lehen aipatu dugun Susako liburura jotzea edo, nahiago bada, Egan aldizkarira bertara, edizio digital txukunean aurkitzen da armiarma.eus gunean. Ugalderenak edo Arestirenak, hau ez da noski konpetizioa, lehena nor izan zen ez da sobera garrantzitsua. Bai, ordea, jakitea garai bertsuan kezka bertsuei erantzun bertsuak ematen saiatu zela idazle bat baino gehiago, ipuina genero moderno eta, ondorioz, garaikide kontsideratzeraino. 2011-06-12 Presentzia edo absentzia Annie Ernaux, Pasio hutsa (itzulpena: Joseba Urteaga) Igela, 2002 Kolpetik hiru izan ziren: Pasio hutsa, Lekua eta Gertakizuna, hirurak ere Igela argitaletxean eta Joseba Urteagak itzuliak. Annie Ernaux idazleak loraldi labur baina intentsu hori izan zuen euskaraz, 2002-2003an, gerora, eta tamalez, jarraipenik izan ez zuena. Artean usaindu gabeko urrina ekarri baitzuen eta egun oraino gaurkotasuna baitute liburu horietan egiten diren planteamendu literarioek. Pasio hutsa nobelakoek, esaterako. Ez hainbeste delako autobiografikoa edo autofikziozkoa edo dena delakoa. Bost axola. Liburua, liburu oro, idazlearen biografiaz haraindi irakurri edo gutxienez funtzionarazi beharko genuke, artefaktu independente gisa. Hori baino garrantzitsuago: lehen pertsonan idatzia, ez dakit testigantza, konfidentzia, kronika, baina pasio baten seinale pilaketa da testua, inbentario moduko bat, pasio horren errealitatea ulertzeko saiakera. Emakume baten pasioa du kontakizunak azaltzen (ezen ez esplikatzen), gizon batenganakoa, gizon ezkondu exekutibo arrotz batenganakoa. Pasioak dena hartzen dio, kronologia bera ezabatzeraino: gizonaren presentzia edo absentzia da denbora banaketa posible bakarra. Pasioa da beraz liburuko sujeta, pasioaren absolutua eta unibertsaltasuna. Seinale, egite, gertaerak amaieraraino begiratzen dira hemen, xehetasun guztiekin, narratzaileak zentzua bilatu nahi dio bizitzen ari denari eta aurkitu ere aurkituko dio azkenerako, “inongo zentzurik ez izatearena”. Kolpagarria da oso gai korapilatsuez zeinen gordin, zeinen sinple, zeinen zintzo ari den irakurtzea, irakurtzea nola ilunetan utzi ohi ditugunak ekartzen diren eguneko argitara, dela sexuaz, dela beste batenganako dependentziaz, dela haurrak izatea, oposizioak gainditzea, itsasoaz haraindi bidaiatzea baino inportanteago den arratsaldean gizon harekin ohean egoteaz ari denean. Gainera, etengabea da idazketa prozesuaren gaineko eta, ondorioz, idaztearen beraren gaineko hausnarra. Liburu laburra da Pasio hutsa, ez akaso, eta eskerrak, borobila, bai ertzduna, gorabeheratsua, kolpe batez irakurtzen dena, baina inor bere txokoan eroso uztea baino beste edozer lortzen duena. Bueltan datorrena ez dela xamurra, alegia. Bukatzeko, ez alferrik, korolario hau dauka: “Haurra nintzenean, niretzat luxua larruzko berokiak ziren, gau-soinekoak eta etxe dotoreak itsasertzean. Gero uste izan nuen bizimodu intelektuala eramatea zela benetako luxua. Orain pentsatzen dut badela ere gizon edo emakume batenganako pasio bat bizi ahal izatea”. 2011-07-17 Euskal gatazkak Jose Luis Otamendi, Euri kontuak Susa, 1999 Jose Luis Otamendi entzun eta poeta erantzun, egingo luke lehiakideak. Saria eskuratzeko gainera, besteren gainetik genero lirikoa landu baitu Otamendik. Bilduma gogoangarriak idatzi ere, Lur bat zure minari, adibidez, azkena bera, Erlojuen mekanika. Ez alferrik, hala definitu zuen Xabier Mendiguren editoreak argikari honetantxe: herri-saminaren poeta fina. Bego. Baina, ekoizpen poetikoen artean, 1999an egin zuen narraziogintzan sartu-irtena, eta ipuin liburu bat badu geroztik, Euri kontuak. Tira, orain baten batek oroitaraziko dit poesia eta ipuina ez daudela hain urrun, Sergi Pamiesek dioenaren haritik, argumentaziorako baino sentsazioetarako, emozioetarako ere ematen duela ipuinak. Hemen bada horren adibide garbirik, “Biaoa” esaterako, laguntasunaz, heriotzaz, maitasunaz nola dabilen, ekonomiko, iradokitzaile, poema batean bezala kasik. Ezen horiek dira bildumaren ezaugarri nagusietako bi, narrazioak bai baitira laburrak, kolpe batekoak, gantzik ez dute, ez soberakinik, neurtuak dira tamainan, neurtuak baliabideen erabileran, hizkuntzan, hizkera maisu-maitasunez darabilte uneoro. Beste ezaugarri nagusi bat gatazkaren presentzia litzateke, gatazka modu orokorrean ulertua, sozialak, ekonomikoak, politikoak dute lekua hemen, euskal gatazka deiturikoak, egungoak, atzeragokoak ere bai, 36kora joaten baita ipuin batean baino gehiagotan. Ez da, haatik, geure zerari buruzko kontakizun bilduma bat, ez bederen zentzu hertsian. Aitzakia baino testuingurua ematen dio idazleari, nola esan, jaisteko plano pertsonalera, moralera, giza-emeak erretratatzen ditu beren minean. “Hagina” antologatuak, kasurako, gatazka politikoa du atzean, biolentzia politikoa nahiago bada, baina era berean ari da haur izateari utzi dion haur batez, arrebarekin, aitarekin, lagunarekin dituen, han eta hemen antzera diren kontuez. Bada esportatzeko nagusiki euskal gatazkaren gaia dugula defendatzen duenik. Eta, segur aski, arrazoirik ez zaio falta. Baina geure buruei ere zor diegu geure gai labainari, geure gai labainei buruz hitz egiten duten ipuinak idaztea, ipuin finean unibertsalak, Otamendik Euri kontuak honetan egin legetxe. Elkarrizketa batean irakurri nion behin poesian jarduten zuela erosoen. Narraziogintzara jauzi txikia egin duenean, ordea, airoso aritu da oso. Eta eskuartean zer duen jakin gabe, errepikatzeko modukoa iruditu zait esperientzia narratibo hau. Lehen bezala orain, herri-saminaren poeta finak behar baititugu behar, baita prosan ere. 2011-09-25 Hitzdeologia baterako Iñigo Aranbarri, Hitzak eta giltzak Alberdania, 2001 Pentsatzen dut hiztun komunitate guztiek izango dutela, gutxi-asko, hitz egiten duten hizkuntzaren gaineko kezka. Komunikaziorako biderik zuzenena denez sarri, hiztunak izan ohi du hitz egiten duen horren gaineko zalantza, arreta, jakin-mina. Are idazlea, hizkuntza lan-tresna behinena duenez, maiz kezkatu izan dute hitz, hiztegi, gramatikek, eta idatzi ere idatzi izan du horiek guztiak buruan. Egiten duen literaturak (letrak elkarri josteak) eskaintzen baitu horrelakoei itzulipurdia emateko, ausartzeko, ausaz, baita esku sartzeko ere. Iñigo Aranbarriren kasua da hori, Hitzak eta giltzak liburuarena. Orain hamar urte kalean, Alberdania argitaletxeko Zerberri sailean (gogoratu: orotariko saiakera laburrak biltzen dituen bilduma), hizkuntzaren inguruko gogoeta da Hitzak eta giltzak, edo hizkuntzaren parte diren hitzen ingurukoa, nahiago bada. Edo hitzetatik abiatutako hizkuntzaren gaineko hausnarketa. Eta aurrera, hizkuntza hitz egiten duen jendartearen gainekoa. Alegia, hitza duela irteera helmuga jakinik gabeko bidaia noranahiko honek. Kolpe labur, printza zorrotz, ele zoli, handik eta hemendik hartutako puskek osatzen dute Aranbarriren saiakera, burutazio bat orain, pasadizo bat gero, apunte bat hurrena. Alor asko eta askotarikoak hunkitzen ditu bertan (alor asko, baserritik hirira egin duten hitzena, adibidez). Irakurlearen gozamen eta argibiderako guztiak ere. Argigarriak egin zaizkit orriotan erabili dituen hainbat kontu. Esaterako, politika eta hizkuntzen arteko limurkeriez, zarata ateratzeaz, arerioari hitza zikintzeaz, norberaren lexikoa sortzeaz, zaintzeaz, hedatzeaz ari zaigunean. Albistegiek, hedabideek oro har, hitzen zikintze horretan duten ardura eta egiten duten lana aitatzen denean. Ez alferrik, boterearen ahotsa horietan modulatzen dela gaztigatuko digu. Eta hori esan ondorenean nabarmenduko digu euskal prentsaren garrantzia, egunero-egunero kalean zirkulazioan jartzen duen hitz eta esamoldeen kopuruagatik bada ere, “hagitzez handiagoa literaturak izan dezakeena baino”. Eta idazle batek diosku hori. Zail da liburuan zehar hunkitzen diren guztiak hemen laburbiltzea. Baina ezin esan gabe utzi, arkeologia filologikoa baino hitzen bigarren bueltak maiteago dituen Aranbarrik, hizkuntzaren gaineko kezkak zabaldu dituela bertan, hitzek eta ideologiak duten harremanari buruzko bilduma honetan, saiakera labur eta emankor honetan. Laburra eta indartsua izatea baita luze eta eder-jantzia eraisteko era bakarra. 2011-10-30 Sartu-irtena Pilar Iparragirre, Hilerriko jolasak Elkar, 1989 Ezagutzen genuen Pilar Iparragirre, argikari honi esker ezagutu ere. Kazetari gisa, beraz, nahiz eta literaturari buruzko orrietan jarduten zuen. Xabier Mendiguren editoreak liburu ahantzien Sautrela hartan aipatu zuelako jakin genuen gero nobela bat bazuela, 1980 urrun haietan idatzia, Hilerriko jolasak hauxe. Begira-begira, ikusi dugu Felix Likiniano militante anarkistari buruzko biografia bat eta deportazioari buruzko beste saio bat ere argitaratu dituela. Eta konprobatu dugu, tamalez konprobatu ere, fikzioaren eremuetan egindako sartu-irtena Bartleby batena bezalakoa izan dela, ale bakarrekoa. Hilerriko jolasak, hortaz, 1960ko hamarkada hasierako hiri bazterreko langile auzo batean kokatzen da, bertako bizimodua harrapatzen du bi narratzaileren eskutik. Kontakizuna ahots bitan doa aurrera, paraleloan: auzora iritsi berri den neskato batek bere eta bere lagunen gorabeheren berri emango digu; eta narratzaile orojakile batek familia baten egunerokoa fokatuko du. Paian-paian doaz lerrook aurrera, tupustean, ekaitz perfektua ematen den arte: ordura arteko hari ikusezin guztiak txirikordatzen dira. Dena gertatzen baita egun berean, deabruren baten liburuan txarrerako bidea idatzirik balego bezala, maiatzaren lehenaren bezpera batean. Batek pentsa dezake liburuaren meriturik handiena eskaintzen digun umeen begirada partikular hori dela, umeen esperientziak umeen ahotan jartzeko ausardia eta abildadea dela. Ikustea nola bizi duten kalea, nola eskola; ikustea nola bizi duten helduen mundu bat; nola heriotza bera ere gehitzen duten ohiko jardun ludikora; imajinazioa deitzen diogun horrek nola blaitzen dien guztia eta gehiago. Baina horien aldean —sinesgaitz tarteka, behartuegi marteka—, interesgarriago egin zait eleberriak ematen duen paisaia soziopolitikoa, garai bat nola erretratatzen duen hasiera batean bigarren maila batean dagoela dirudien arren. Auzoa aipatu dugu, jende iritsi berriaz gainezka. Extremadura edo antzeko parajeetatik etorriak, baina baita ere oso urrun egon ezin daitezkeen baserrietatik jaitsiak. Nola hizkuntzek eta ohiturek bereiziko dituzten, ez horratik patrikak. Eta nola sartzen diren konfliktoan osagai berriak ere, nola izatea txima luzeak, aditzea musika arrotz deitoragarria izan daitekeen errefusarako aitzakia, etorkinen ondorengo izatea bezainbeste. 1989an argitaratu zen nobela, 1993an izan zuen bigarren argitarapena. Horrelakoetan geratzen den zalantza da nora eramango zuen Iparragirre literaturak, eleberri hau ibilbide literario baten hasiera izan balitz eta ez sartu-irtena. 2011-12-04 Hamazazpi urteko hamarkada Jon Alonso, Camembert helburu Susa, 1998 Hala esan nion lagunari: Jon Alonsok baduela hamarkada bat, oparoa oso, zeinean isuri zuen bere ekoizpen literario guztia, gero isiltasun berdin literario batean gordetzeko edo. Berandu hasi zela estandarretarako, 37 urteen bueltan, 1995ean, Idiaren eraman handia saiakera eta Katebegi galdua nobela ia aldiberekoekin. Eta hamarkada luzexkoa akitu zuela Erretzaileen eremua ipuin bildumaren ondoren, 2007an, Astrolabioa saioarekin. Tartean hartuko lituzke hartara tarte honetarako aukeratu dugun Camembert helburu edo berdin aukera genezakeen Euskal karma (ez naiz ausartzen sailkatzera, baina 2001ekoa da liburua). Camembert helburu, beraz, gaur hemen Alonsori hizpide hartuko dioguna. Euskal karma zail bada sailkatzen (rapsodia gisa eman zuen idazleak berak), eskuartean dugun hau ez da hainbeste, baina bai gutxienez bitxi. Edaten du, minimo, bi txorrotatik: saiakera eta nobela, nobela eta saiakera. Batetik da saioa, eta ez prezisamente gastronomiakoa: mikroan Toulouse-Lautrec margolaria du jomuga, makroan arteaz hitz egiteko. Eta bestetik da eleberria, bere pertsonaia, bere trama, bere apareju guztiekin. Eta nola egiten den bi horiek txirikordatzeko? Bada, gaizki ez, kontrara: leun, natural, hasieratik kristolako ostiakoa hartuko duela ikusten duzun protagonista baten bitartez, pertsonaia entrainablea azkenerako, hain da, hain, kalamidadea. Batetik ematen digu, luze eta zabal, artearen historian kapital izan zen denbora-leku baten berri; arteak, gaur ezagutzen (edo ezezagutzen) dugun artea izateko, hartutako bihurgunea seinalatzen digu, dokumentazio ilun eskergarekin, eskuzabal, entsegurik mamitsuena bailitzan. Eta bestetik nobela bat ari gara irakurtzen, lasai demonio, patxada ederrean, gerturako betaurrekoak jantzi beharrik gabe. Nobelaren baselinak sartzen digula barruraino bestela saiakera gotorra litzatekeena. Ai, baina lagunak, horixe dira besteren aurretik, lagun, eta laguntzeko daude tarteka. Okerretik atera ninduen berehala: Camembert helburu baietz, aldarrikatu beharreko liburua dela, baina hamarkadarena kentzeko kaskotik. Testu bat ederrestea gauza ederra dela, kuriosoa litzatekeela Alonso hamarkada batez hitz egin ahal izatea. Baina hamarkada hori luzatzen eta beraz papurtzen duela Tropiko tristeak itzulpenak. Aktibo asko dagoela Alonso, alegia. Intuizio bat izan nuen orduan: orain ere zerbait izango ote duen eskuartean. Haren lanak gogo biziz irakurri ditugunok hori desio genukeela otu zait, urte berriari zerbait eskatzekotan. 2012-01-15 Artze frikia JosAnton Artze, Isturitzetik Tolosan barru Pamiela, 2007 Jaio gabeak ginenok ere egin dezagun ariketa: 69an gaude —69 betean, ezen ez batean—. Euskal literaturaz ari garela, pleistozenoan edo. Lozorrotik esnatzen ari da dinosauroa —katutxoa, esango dute errealistenek—. Kolpetik agertzen da JosAnton Artze delako bat, Zeruko Argian-eta kolaboratu izan duena, harako Ez dok amairu hartan txalaparta berreskuratzen aritu izan dena; baina liburu argitalpengintzan artean birjina duguna. Eta ateratzen du Isturitzetik Tolosan barru izeneko, xuabe esatearren, zera bat. Zera bat berria, berritzailea, apurtzailea, uppercuta irakurlearen matrailezurrera. Ez dut nik esaten, Juan San Martinek daitor liburuan berean, garaiari pultsua hartuta: “Ez baita erreza izanen liburu honi kidekorik arkitzea”. Poema bilduma gisa dugu sailkatu, baina izatez da zer edo zer gaziagoa. Objektu artistikoa Koldo Izagirreren hitzetan, biltzen baitu poema sorta, bai, baina egiten du modu berezian, ikusgarrian, leitzeko testuak bakarrik ez, begiekin jatekoak ere bailiran. Estetika du ausarta, diseinua dago poemaren, bildumaren menera, liburua bilakatuz eszenario multiplea. Eta liburua azkenerako da abentura bat, ez dakit Isturitzetik Tolosan barrurakoa, baina bai literarioa. Eta ez soilik abentura estetikoa, poemetan ere gai berriak ematen dira, edo gaiak ematen dira ikuspegi berritik, indarrean zeuden ideiekiko oldarkor; tarteka nahita lizun-zikinak, marteka kolpe labur lirikoak. Eta esango dut: liburua irakurri ondoren, “Txoria txori” ez da akaso Artzeren poema lortuenetako bat. Edo tira, hain dago mitifikatua, onaren eta txarraren gainetik dagoela jada —eta azpitik ere bai, estutzen banauzu—. Baina iruditeria popularrean iltzaturik geratu diren poemetatik harago, Artze osatuago bat ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu Isturitzetik Tolosan barru lanak. Bere garaian oihartzuna izandakoa, ahanzturaren neguan ez ote zen erori gero, desmemorian geratzeraino. Ahanztura horrek kitzikatuta etorri da Pamielaren 2007ko edizioa, edizio faksimilea, orijinala bere kontzepzioan errespetatzen duena. Bidean geratua berreskuratzeko. Bidea ireki zuena berriz errailean sartzeko. Gaur egunekotik irakurketa berriak egin ahal izateko, zergatik ez. Eta literaturaz asko dakien irakasle batek esan izan dit, ahots apalean esan ere, idazle friki gisa kalifika lezakeela lasai asko Artze gaurko oinezko irakurleak. Bego. Ez dateke agian erabat okerra, ez guztiz txarra halaber. 69an jaio gabeak ginenok ere ez baitezagun ahantz: irakurketak biziarazten duela denboran barrena literatur lana. 2012-02-19 Konpromiso bat literaturarekin Xose Luis Mendez Ferrin, Mugaldeko jendea (itzulpena: Bego Montorio) Elkar, 1998 Literatura galegoari gutxi-asko tarteka begiratzen diogunok sarri askotan egin dugu topo Xose Luis Mendez Ferrinekin. Dela idatziak dituen lanak ugari direlako —poesia, narratiba, saiakera—, dela belaunaldi ezberdinek aitortzen diotelako nolabaiteko aitatasuna. Pentsa, adostasuna erabatekoa izan zen 1999an, Mendez Ferrin Nobel sarirako hautagai proposatu zutenean. Eta arraro-arraroa ere ez da, ez alferrik idazle hori dugu literatura galegoa modernitatera ekarri zuena, oraindik literatura ahots berezko eta indartsuenetakoa dena. Egia da ez dela beste batzuk bezain ezaguna, ez behintzat Madriletik honako bidean. Eta motiboak bilatzen hasita, egiten dugu topo harri kozkor batekin: politika. Eta jakiten dugu gaitz larri batek jota duela idazlea, independentista eta marxista dela aldi berean —jainko potzoloa!—. Eta horregatik akaso euskaraturik dioten lanik garrantzizkoenak, Mugaldeko jendea honek eragin dezake gauza bat besteren gainetik: harridura. Narrazio errealista mezudunak espero dituenak ken dezala laster batean ideia burutik, oso bestelakoak baitira hemen aurkituko dituenak. Oso bestelakoak eta haien artean ezberdinak oso. Muga da Galizia eta Portugal bereizten dituena, Ourense hegoaldean. Eta ez da hainbeste lurralde literario baten sortzea, nola lurralde erreal baten literariotzea, diakronikoa gainera, liburuak kurritzen baitu XIX. mendetik 36ko Gerra artekoa. Geografia baten denboran zeharreko ibilbidea, beraz, nahiz ipuinak izan ukitu fantastikoa (“Galtza urdinak”), nahiz izan onirikoa (“Adosinda izuturik”), toponimo errealak hemen irakurleak aurkituko baititu zientoka. Berdin ipuin itxuraz errealistagoak direnean ere, Ignacio Martinez de Pison idazleak Partes de guerra hartan bildutako “Beste horiek” adibidez. Edo antologia berean egon litezkeen “Gomazko botak” eta “Militantearen amets urdina”. Eta denen gainean halako esperimentazio kutsu bat aurkituko dugu, denborak, pertsonak nahasteko joera, irakurketa exigente bat, irakurlea aktibo izatea eskatuko duena. Konpromiso bat literaturarekin, edozer, bertan goxo egotea baino. Eta egia da Mendez Ferrin ez dela beste batzuk bezain ezaguna, zer dakit, Manuel Rivas bat edo, Nunca mais antolamendukoei laguntzearren, Euskadi Irratiak egin kanpainan bildutako txekea hartzera etorri zenean El País egunkariko bisita-txartelak ematen zituen galegoa zen idazle ez-galego hura bezain. Beharrik ere. Arazoa geurea da, haatik, inoiz utzi behar baikenioke Madrilen derrigor geltokia duen trena soilik hartzeari. 2012-03-25 Emakume beltz arruntarentzat Amaia Lasa, Malintxearen gerizpean Pamiela, 1988 Bada Amaia Lasa bat, poeta, euskal literaturaren mundutxoan hartu duena tartea. Meritua, besteren gainetik: emakumearentzat arrotz zen lurraldean hasi zela eraikitzen alfabeto berri bat. Dena zegoen egiteke eta egiteko, beraz. Eta bekatutik eta amatasunetik libro den emetasuna ekarri zuen berak. Amaia Lasa da, Koldo Izagirreren hitzetan, gure literaturaren lehen emakumea, dakarrelako lehenengoz emakumea gure letretara. Baina izan bada beste Amaia Lasa bat, kasu honetan narratzailea. Eta izan badu narrazio bilduma bat, bakarra, 88koa: Malintxearen gerizpean. Poesia 70etan, narrazio laburra 80etan. Ez pentsa, Sarrionandia eta Atxaga ere orduantxe ari ziren ipuinekin, garai egokia izango zuten horretarako aurrekoen aldean. Kontua da narrazio laburraren eremuan, halaber, desertua zuela Lasak aurretik. Eta berak ekarri zuela lehenengoz, Arantxa Urretabizkaiarekin batera, emakumea euskarazko narrazio laburrera ere. Emakumea edo emakumeak, egia esatera. Ipuin bilduma —poema pare bat ere badu, baina tira—, bi multzotan bana baitaiteke: Euskal Herriko ipuinak eta Euskal Herritik landakoak —badakit ez dela sailkapen sobera akademikoa—. Eta Euskal Herrikoak ez zaizkit hainbeste interesatu, lirikoagoak dira, iradokikorragoak. Baina Euskal Herritik landakoak bai, defendatzeko emakumeak ekarri zituela Lasak gure letretara. Nikaraguan girotuta daude hiru ipuin, laugarren bat AEBetan, New York hiriko Harlem auzoan. Eta horiek dakarte berrikuntza, egiten baitute ez soilik genero aldetik ekarpena, baizik eta era berean klase eta arraza aldetikoa. Nikaraguako iraultza sandinistaren baitan, bertako emakume txiroen esperientzia azaltzen zaigu, gerrillariena, kanpotik etorri den yankiak iraultza egiten ari den nikaraguarrari lezioak nola ematen dizkion, eta azken honen akidura eta haserrea, betiko kritikaren aurrean: “Gaingiroki begiratzen gaituzue eta zuen herrietan egin ez duzuena, guk, orain, berehalaxe egitea nahi duzue. Zuek ere azken finean dolarrekin etorri eta epaitzeko eskubidearekin sentitzen zarete”. Eta Harlemgo Ritak nola esaten duen: “Kaleko edozein izkinetan, emakumea eta beltza naizela jakinarazten didate”. Edota nola sentitzen den “beti zurien kakak kentzen”. Marisa Young Blanco Nikaraguako poetisak idatzitako hitzaurre argigarrian, esaten da liburua emakumeen arteko elkarrizketa dela: “Y justo ahora cuando escribo, siento que estoy conversando contigo, compañera”. Liburua amaitu dudanean ohartu naiz osoki liburua emakume beltz arruntarentzat idatzia dagoela, baiki, ni ere banaizen emakume beltz arruntarentzat. 2012-05-06 Eredu bat Luistxo Fernandez, Tetris Elkar, 1995 Orain hamazazpi urteko hitzaurrean esaten zaigu: zutabegintza ia garatu gabeko lana da euskarazko prentsan. Urteak ez dira joan debalde, egun zutabegileak baditugu, gutxi-asko: irakurtzeko modukoak, jarraitzekoak, erreferentziazkoak. Baina irudipena daukat artean ez garela gintza horretan bereziki nabarmentzen. Oraindik gogoan dut, ez hamazazpi, baina urte batzuk bai, lagun arrotzak sinadurak eskatu zizkidala-eta ireki zitzaidan desertu luze-zabala —gaur asmatuko nuke, uste dut—. Prentsako zutabeen antologia liburuak izan daitezke mankantza historiko hori neurtzeko beste termometro bat. Badago zutabeak ohiko agerkarietan soilik bizi behar direla defendatzen duenik. Liburuan bigarren bizitza bat —osatu, bahetu, luzeagoa— izan dezaketela uste dutenetakoa naiz ni. Eta gurean apenas publikatu izan dira horrelakoak. Tetris da liburu horietako bat, Luistxo Fernandez kazetariak apailatua. Testuetako asko aurretik argitaratuak izan ziren, Argia-n bertan, Arrasate Press desagertuan, Euskaldunon Egunkaria armez zarratuan. Baina jasotzen dira bilduma honetarako propio idatzitako iritzi artikulu sakonxeagoak ere. Motz-zuzenak lehenak, pausatuagoak bigarrenak, denek uzten dute agerian kazetaritza egiteko modu bat: aktualitatearekiko arretatsua, bizkorra, jakin-minez betea, munduaren norabideak ematen duen segurtasun gabezia horretan jokatzeko, arriskatzeko, bustitzeko apustu egiten duena. Benazko kazetaritza, nire uste makurrean. Internet eztandaren aurreko garaiko testuak izanik —nahiz eztandaren zantzuak jasotzen diren—, batez ere momentuko giro politiko-kulturalean jartzen du arreta kazetariak. Garaiari hartzen dio pultsua, uneko hainbat gatazkari —Balkanak, Kaukasoa— kasu eginez, nahiz intelektualki arnasten denari —multikulturalitatea, korrekzio politikoa—. Eta garrantzitsuena, nagusiki munduan zeharreko kontuez ari den arren, Euskal Herria duela uneoro begi ertzean, kliska bat baino gehiago egiten diola bertako errealitateari. Hotz xamar hasten da bilduma. Hoztasun horrek Europako herrialde ezberdinetako eskumaren gorakadari buruzko Larrun batean jotzen du gaina. Hortik aurrera, ordea, abiada hartzen du kontuak, zirikatzaile, zorrotz, deseroso, oldoztu eta posizio hartzera behartuz irakurlea. Agian orain hamazazpi urte baino hornituago gaude zutabegileez orain. Jarraitzen dugu horien liburu emaitzarik izan gabe ordea. Eredu gutxi dugu, eredu gutxi utziko dugu. Tetris honetan bada eredu bat behintzat, baliagarria, besterik ez bada hartu eta zalantzan jarri, eztabaidatu edo kontra egiteko. 2012-06-10 Merezi du hainbeste Antton Luku, Botoiletan Maiatz, 1998 Antzerkigile gisara da batez ere ezagutua. Hala nahi luke gainera izatea gogoratua: “Bat oroitzen da, “gizon hori omen idatzi zuen antzerki bat denboran”, eta beste batek “ah, bai?”, eta hor uzten dute dena. Hori gustatzen zait niri”. Baina antzerkizale mengel honen begietara, 2009an egin zen Antton Luku osoki ezagun, Euskal kultura? deitu saioa argitaratzearen karietara. Txorrotxa duzu: “Iparraldeko euskal kulturaren erasopeko egoera eta gaia —ezagutza, inplikazio eta engaiamendu handiz— aztertuz, salatuz eta kitzikatuz, ordezkapen eta suntsipen joera eta ondoko arazo larriak ausart eta eraginkor maneran jorratzen dituelako”, horrexegatik eman zioten 2008ko Juan Zelaia saiakera saria. Gehituko diot hemendik euskal kulturaz ardura duen orok eman beharko liokeela irakurraldia. Murmurioa bazebilen, ordea, bazuela Lukuk ipuin bilduma on aski askoa, 98koa, Botoiletan izenekoa. Harik eta bilduma aurkitu, eskuratu eta irakurri arteko bakerik ez dut izan, bai haatik murmurioaren pilota handiago egiteko denbora. Kito, bukatu dira desesperak. Irakurketaren emaitza: ez dio inondik inora murmurioari egiten iruzurra. Kontrara, bilduma oroz gain da irakurri eta kontuan hartzekoa. Biltzen ditu hainbat ipuin, dozena inguru, hamaika sarrera testua ipuintzat hartzen ez badugu. Guztiek ere atmosfera bat konpartitzen dute, Errobi gainealdeko memoria, sustut Garazi-Baigorri Baigorri-Garazi ardatza kurrituko dugula. Pisu handia hartzen dute pertsonaiek, giristinoek, errugbi jokalariek, turista landesek, xinaurri jaleek, zakurrek, arraintzariek, ihizi zaleek, etxalde itzaltsuetako auzoek, orobat behar den bezalako jendeak. Izan ere, ipuinok daude idatziak behar den bezalakoa zer den esplikatzearen beharrik ez dutenentzat. Bada mundu baten aurkeztea, ez hainbeste jujatzea, egin dezagun geure irakurketa propiala. Begien aurretik pasarazten dizkigu itxura batean ezdeusak diren kontuak, pasarte ustez inokuoak, baina momenturen batean punturen batean kraska egiten dutenak. Besteren gainetik, tentsioa baita leku jende istoriook bizi dutena, azaleko bake moduko baten pean borborra da hemen lehertzen dena. Ipuinok badute beltzetik, exijenteak dira hizkera aldetik, askeak estilo aldetik, oroz gain nabarmentzekoak literatura aldetik. Segida ez dute izan, edo urria, Euskal Kama Sutra hartan ere parte hartu baitzuen Lukuk beste ilustre batzuekin batera. Antzerkigile gisara gogoratuko dugu, hartara, nahiz baita ere, eta ipuin bilduma bakarra kaleratzen badu ere, ipuingile destakatu modura. Botoiletan honek merezi du hainbeste. 2012-07-15 Itzulerari pultsua Martin Ugalde, Itzulera baten historia Elkar, 1990 Martin Ugalderen idazle kasua da bitxia. Begiratzen dituzu manualak, eta exilioko idazletzat hartzen dute askok. Hain estrainioa ez dena, bidenabar: exilioan idatzi zuen bere euskarazko literaturaren zati inportante bat, batez ere antzerkia eta ipuina; besteak beste, euskarazko lehen ipuin bilduma moderno gisa hartu izan den Iltzalleak. Baina 1990ean, aspaldi Euskal Herrian, argitaratu zuen Ugaldek exilioarekin zuzen lotuta dagoen eleberri bat, exilioaren ifrentzu den itzulera gaitzat hartzen duena. Eta, ifrentzu guztien antzera, exilioaren itzalpean geratzen denez itzulera, bakan izateagatik merezi du arreta Ugalderen Itzulera baten historia eleberriak. Venezuelatik Euskal Herrira datorren neskatxa narratzaile, bitartean eta bertan gertatzen zaizkionak kontatzen dizkigu, bizipide pertsonal baina era berean unibertsal izan daitekeen batean: nahiak eta ezinak, ametsak eta eguneroko gordinak, kontatu dizkiotenak eta benetan direnak, gero egiatan aurkitzen dituenak. Gurasoen aberria ez da erdia, ez berea, ez jada gurasoena; itzulerak ez dakar erabateko poztasuna, ez etxekoen batasuna, ez bada utzitakoaren nostalgia gazia. Itzulerako barkua hartzen denean ez baita bukatzen exilioa. Inoiz bukatuko balitz, gaitz erdi. Eta gero daude gutarrak, ez denak uste bezain aingeruak. Ai, gutarrak: “Ikusten da jende txarra dela; geure jendea bada ere”. Eta eleberriak ematen duen aberriaren kontzepzioak egiten du kirrinka gehien. Narratzailearen aitaren aberria da arrazista: “Venezuelan normala zen ahaidekoren bat beltza izatea, baina ez hemen; aitatxori askotan entzun nion argudio hau Euskal Herria goraipatzerakoan”. Eta aita bera da matxista: “Zer pena zu geure familiako gizonezko nagusia ez izatea!”, diotso alaba narratzaileari. Aipatu gabe familia tradizionalaren baloreek estutzen dutela hemen bizitza. Luze gabe aitak, heriotza, nahi luke “geure lurrean gertatzea, seme edo alabaren bat ezkonduta ikusi eta bilobaren bat ezagutu eta gero”. Amen. Herrenak aipatzen hasita, esan, estilistikoki hautu arraro batzuk daudela: kontakizuna dago, adibidez, harridura esaldiz josia —ondo legoke guztira zenbat dauden zenbatzea—. Baina horiek kontuan hartuta ere, bakan izateagatik da irakurgarri Itzulera baten historia; hartzen diolako, fikziotik, euskal exilioaren itzulerari pultsua. Eta ondorio gisa uzten digulako sententzia bat: “Hasita nintzen pentsatzen, egiatan, neuk ez nituela inoiz aitatxok bere lurrean ikusi zituen mirariak ikusiko”. Izan ere mirariak, ez literaturan, gauza jakina da non ematen diren. 2012-09-23 Bueno, bai eta ez, badakizu Laura Mintegi, Ilusioaren ordaina Erein, 1983 Honezkero jakingo duzue: Laura Mintegi lehendakari da. Azken orduko berririk ezean, Euskal PEN Klubeko lehendakari da Laura Mintegi, Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izateaz gainera. Apenas aipatu da hautes lasterketan sartu zenetik, baina gauza ezaguna da lehendakarigai baino lehen Mintegi idazle genuela. Eta deskuidatzen bazarete lehen lehendakarigai idazlea ere bai —ez, ordea, lehen literaturzalea, Patxi Lopezek ondo baino hobeto erakutsi bezala—. Hemen, beraz, Mintegiren perfil —nahita edo nahi gabe— deskuidatu hori hartuko dugu mintzagai. Ezen ugari baitira argitaratutakoak, 80ko hamarkadan hasi eta gaur egunera artekoak; ipuin bilduma bat eta bost nobelako korpus literarioa osatzeraino. Nobelak izan dira gerora, baina ipuinak izan ziren aurretik, 1983an. Ilusioaren ordaina bildumaren genesia Ana Urkizaren Zortzi unibertso, zortzi idazle liburuan aitortzen digu Mintegik berak: Donostia Hiria sariketara aurkeztu eta irabazi egin zuen. Horri esker, Erein argitaletxeak liburu bat argitaratzeko eskaintza egin zion. Ipuin batzuen zirriborroak zituen eta uda eman zioten zirriborro haiekin liburua atontzeko: “Nik, ausart, baietza eman nien, jakin gabe gai izango ote nintzen liburua egituratzeko eta bukatzeko, eta bai, gai izan nintzen”. Eta bilduma irekitzen duen “Satorzuloak” ipuinak irabazi zuen aipatutako 83ko Donostia Hiria. Eta bildumako beste ipuin pare bat ere izan ziren garaian sarituak: “Paris edo” 83ko Santurtziko udala sariarekin; “Ez dadila belu izan” suertatu zen 82ko Kirikiño sariko finalista. Eta bildumak azkenerako uzten duen inpresioa da, ez hainbeste sariketa batek ziurtatu beharko lukeen lan literario baten berezitasun, bakartasun, ertzez beteriko borobiltasunarena, baizik eta uda batean apailatua izan den sortarena. Laino, herabe, beharrezko puntxik gabe, bai eta ez, epel xamar uzten zaitu azkenerako. Gertatu izan da Laura Mintegiren beste lan batekin, Bai… baina ez estreinako nobelarekin. Zuzenketa lan handia egin zela, sintaxia, lexikoa, estiloa, elkarrizketak. Berridatzia eman zela 86koa 99an. Eta ikusten dugu eskuetan dugun Ilusioaren ordaina hau ere, 99koa, 83ko haren edizio zuzendu eta eguneratua dela. Baina Bai… baina ez harekin gertatzen zenaren kontrara —lehen argitalpenak kritika zorrotzak jaso zituen, edizio berridatziak irakurketa berri eskuzabalagoak—, lehen ipuin bildumaren bigarren edizio honek ez dakit orijinala hobetzen duen, baina ez du emaitza bete-beterik uzten. Edo, beste modu batean esanda, Iñaki Kamino estimatuak agerkari honetantxe 84an jaulki zituen laudorioek ez dutela ia 30 urteko galga gainditu. 2012-10-28 Evviva, batez ere, la libertà Pier Paolo Pasolini, Gauza baten ametsa (itzulpena: Josu Zabaleta) Alberdania, 1998 Ez dakit, hartzen dut Gauza baten ametsa eskuartean, eta ezin diot nostalgia poxi bati izkin egin. Denbora zaharren mira txatxua izango da, joandakoa oraingoa baino txukunagoa denaren ustel ustea. Maria Isabel Llaudesek esaten zuen, iragan garai oro dirudikigu hobea. Azken batean, aro delikatu bezain loriatsu batez ari gara: orduko hartan sartu genuen serioago muturra literaturaren zera honetan, dena zen berri, dena ilusionagarri. Baina, langintza zaila izan arren, objektiboago begiratuta ere, sentsazioak esango nuke baduela egiatik zerbait. Ez dela soilik nostalgia txepela, baizik eta kritika konparatiboa. Itzulpen estimagarriak egiten ziren garai hartan —gogoratu Miguel Torga eta Piztiak, Agota Kristof eta Koaderno handia, Josef Skvorecky eta Mundu mingotsa—; paraliteraturak ere laguntzen zuen, bilduma identifikagarriak, portada korrektoak, ukimenerako —bizio konfesaezin hori— atseginak. Inoiz entzun dut idazleren batek horiengatik nahi izan zuela publikatu hor. Iritzi horri galga jartzen dion elementu bat sartzen da, ordea, tartean: 14 urteren buruan ea irakurketak eusten dion, ea ni bilakatu naizen irakurle hau ez den sobera petraldu. Kontakizun pasionagarri gisa gogoratzen nuen Gauza baten ametsa, hain zuzen, bizitzara jaiotzen ari diren gazte batzuen gainekoa. Pasoliniren lehen eleberri argitaratua, idazlea gazte zeneko leku-denborak harrapatzen ditu, Italia ipar-ekialdeko Friuli —eta friuliera bera, tarteka—, bigarren mundu gerra ondorengoak. Komunistak dira gazteok, ez hainbeste ideologiagatik, gehiago kondizio sozialak hartara behartuta, landa giroko langile; herrian ezin, emigrazioaren bidea hartzen dute, Jugoslaviara —“han komunismoa zagok behintzat”—, Suitzara, atzera burumakur bueltatzeko etxera. Ezen, han nahiz hemen, beste ezeren gainetik, eguneroko herstureratik urrun, askatasuna baita bilatzen dutena. Eta, egia da, ez da nobela inondik ere biribila —eta agian eskerrak—. Are da lau xamarra. Nahi baduzu, teknikoki, herrenak ditu nabarmenak, elipsiak baino gehiago dira gabeziak. Baina, bestalde, zeinen ondo jasotzen duen gerra osteko giro hori, industrializazioak erabat harrapatu gabeko testuinguru bat, non bizitzak aurrera egin duen denboran zehar apenas aldaketarik izan duela. Zabaleta itzultzaileak hitzaurre jakingarri askoan dioen bezala, hemengo gerra osteko giroa ere izan zitekeena, soilik aldatuta Nini Infant, Milio Bortolus eta Eligio Pereisson, eta horien partez jarrita, adibidez, Amado, Demetrio eta gure Felix. 14 urteren buruan oraindik usain dezakegu askatasun, ez hainbeste egarria, ezpada gosea. 2012-12-02 Sasi eta asuin Pello Lizarralde, Hatza mapa gainean Pamiela, 1988 Joan berri den urte zaharreko liburu onenen artean jarriko nuke, ezbairik gabe, Pello Lizarralderen azkena, Orbanak. Soil-sotila, zurruna, intentsua, tentsioz betetako nobela su eztitan ondua. Ondo dio eleberriak western bat filmatzeko ematen duela dioenak. Eta ez da bakarrik azken liburua, aurrekoak ere halakoxeak ditu, Iragaitzaz —ilunbistan—, Larrepetit, Un ange passe —isilaldietan—, Sargori; onak. Ez nizkion ezagutzen hasierak, 80koak, baina banuen erreferentzia baliotsua: E pericoloso sporgersi lehen nobela aitatu zuen Harkaitz Canok —eta Cano beti da garantia— liburu ahantzien Sautrela hartan. Bilaketa hasi nuen bada. Alferrik. Deskatalogatua. Aurkiezina. Desagertua. Lehen nobela eskuratzeko ezintasunak ekarri ninduen Hatza mapa gainean bigarren honetara. Haria ez du sobera konplexua: ez dakigu nondik, zer, norengandik, baina ihesean dabilena da liburuko pertsonaia-protagonista. Mendian gora, behera, inolako heldulekurik gabe: ez dakigu zer egin duen, zerbait, nor den, non dabilen. Euskal Herrian bai, hori seguru, ez bakarrik “intxaur batzuk, gazta eta ogia” jaten dituelako, ez bada “errosarioa errezatzen” entzuten delako. Ekintza ez armatu ez bestelakorik gabea da testua. Ihesa da osoa, sasi eta asuin. Ia ez da agertzen bestelakorik. Soilik neska batek lagunduko dio zereginean; tira, lagundu, hori irakurleak ebatzi beharko du irakurketa bururatu ondorenean. Beste ezer gutxi, eztarriko mina biziagotuko zaiola kontakizunak aurrera egin ahala, irakurleak min hori sentitzeraino. Eta ez da Lizarraldek pertsonaia bat ihesean jartzen duen lehen aldia. Orbanak nabarmendu dugunez, esan, bertako pertsonaia nagusietako bat, menditarra, orbanduna, zordun zaiola Hatza mapa gainean honetakoari. Oso zordun. Ez da, deabruak guarda, inondik ere salaketa. Pentsa, erremixaren alde bagaude eta, beti ere, Fermin Muguruza gogoan, zerbait berria aportatzen badu. Eta Branimir Scepanovicen A boca chea de terra hura ere gogorarazi dit, are, uneren batean, jazartzaileak imajinarioak direla pentsa daitekenean. Oroitzapen ona. Azken buruan, tanta bat da Hatza mapa gainean Lizarralderen obra osoan. Nobela laburtzat hartzen bada ere, ipuin, eta ez oso luzea, baita finean —Lizarralderen lehen ipuin argitaratua, inork ezeztatu ezean—. Zergatik ekarri hartara ipuinxko bat tarte honetara? Bada ez soilik halakoak gomendatzea, euskarri dijital berriekin eta abar, erabat gaurkoa delako —hala berreskura liteke, luze gabe, E pericoloso sporgersi deskatalogatua—. Baizik eta batez ere izan zelako literatura obra ezin interesgarriagoa martxan jarri zuen hastapen hazietako bat. 2013-01-13 Lehen thriller nafarra-edo Mariano Izeta, Dirua galgarri Auspoa, 1962 Zalapartatxoa eragin du ezjakintasunak: atera berri duten gaztelaniazko eleberri bat omen da lehen thriller nafarra. Noski, beste ezer baino lehen, sinetsi behar dugu izen hori merezi duen ezer egon daitekeenik. Gero, irribarrea marraztuko zaio Nafarroan egin den literatura gutxi-asko ezagutzen duenari. Iban Zaldua eta Juan Kruz Lakasta aurreratu zaizkit: Miguel Sanchez-Ostiz eta enparauak ahaztu gabe, euskarazko hainbat etsenplu ekarri dizkigute. Alberto Ladron Arana aipatzen zuen Zalduak, eta Aingeru Epaltza eta Jon Alonso nabarmentzen. Atzerago jotzen zuen Lakastak, Oskillaso ekarriz, eta ustez guztietan aitzindaria, Mariano Izeta. Ez diot nik, ez Lakastak soilik. Aingeru Irigaray euskaltzainak gaztigatzen digu 62ko Dirua galgarri thriller nafarraren peredikuan: “Euskaraz leenbiziko liburua ote da hau Baztanen? Polizia-nobela bezela bai, leena da”. Eta esaten duenak Baztanen, esaten du Nafarroa osoan —beti ere, bihar agertzen ez bada eskuizkribu bat, nik dakita, Zaraitzuko ibaxan—. Baten batek objekzioren bat jar dezake, hala ere. Esaterako eleberriaren haria Parisen gertatzen dela. Baina, zer, donostiar batek Nafarroan kokatzen badu thrillerra da nafarra, eta nafar batek Parisen kokatzen badu ez da? Gainera, ze demonio, “oraindik biotzean zituzten Euskalerriko oiturak eta mintzaira” liburukoek. Zalantzarik ez da thriller batek bete beharrekoak biltzen dituela: lapurrak, luze gabe, Subemandile, Mirue eta Zapelatza, Pizti eta Beltza —eta hemen neroni urduritu naiz, beltzek ez orain atletismoan, aspalditik kendu baitigute lekua euskal nobeletan ere—. Poliziak, behar bezalakoak, atxilotuari esateko kapaz direnak: “Zuk ainbertze maite baduzu zure sorlekua, zergatik etzara beingoan Kongora goaten? Emen eztugu beltz bearrik”. Eta, bistan da, heriotzak, kurioski, kasu honetan, erabat argitzen ez direnak. Baina ez pentsa literatura handiaz ari garenik —thriller bat literatura handia izan daitekeela uste badaiteke—: oso da lañoa eleberri osoa, dena ateratzen da ongi lehenengoan, zuzen doa aurrera gertaeren marra, presaka kasik beti batetik bestera. Mariano Izetaren Dirua galgarri honekin abiatzen den ibilbideak, momentuz, Jon Alonsoren Zintzoen saldoan hartan dauka azken geltokia —eta azken horrekin plazer puskaz handiagoa hartuko du irakurleak, baiki—. Eta ez zaizkit etiketak bereziki axola. Nahi baduzue prest nago “Mosen Bernat Etxepareren kantuia” bera lehen thriller nafar gisa onartzeko. Baina zeinen ondo datozen batzuetan besteren ezjakintasunak geure buruei errepasotxo bat emateko. 2013-02-17 Hau ere esnetsu eta zopatsua Arantxa Iturbe, Lehenago zen berandu Alberdania, 1995 Literatur lanen zerrenda mehe baten jabe da Arantxa Iturbe. Agian irratiari eskaintzen dizkiolako ordurik behinenak —arratsaldero aritzen zaigu, aste barruan, euskarazko irrati publikoan—. Agian zutabegintzari ematen dizkiolako ordurik libreenak —igandero argitaratzen du artikulu bat, euskarazko egunkari bakarrean—. Eta, hala ere, literatur lanen zerrenda mehe baten jabe da Arantxa Iturbe. Mehea izanagatik ere, literatur lanen zerrenda interesgarri baten jabe. 1992koa du lehen narrazio bilduma, Ezer baino lehen. Gorka Bereziartuak kitatu zituen liburuarekikoak tarte honetan bertan. Besteak beste, best-seller izaera aitortzen zion —“18. edizioa” dioen gerruntze gorriarekin—, baina desberdintasunak —eta indarguneak— seinalatzen zizkion nazioartean gehien saltzen den liburu ereduarekiko. Hartara, esan genezake, betetzen zuela Iban Zalduak bere blogean oso zailtzat jotzen duen hura: aldi berean esnetsu eta zopatsu izatea, salmenta handiak —jarri nahi adina komatxo— eta, tira, goi mailako kalitate literarioa ez dakit, baina bai kalitate literario nahikoa, kritikak ere nabarmentzeko modukoa. 1995eko bigarren narrazio bildumak, mintzagai dugun Lehenago zen berandu honek, edizio ugari izan ditu —eskuartean daukadan 2006ko aleak 6. edizioa dela dio—. Beraz, zeozer saldu da. Eta kalitate literarioari dagokionez maila nabarmengarria aitortu behar zaio, halaber. Hau ere esnetsua eta zopatsua dela, alegia. Arestian aipatu dugun Zaldua berriz aipatzeagatik, esan, adierazi izan duela inoiz Lehenago zen berandu honekin hartu zuela atzera interesa euskarazko literaturarekiko, eta, batez ere, euskarazko narrazioekiko. Eta 95eko kritika apurrek era berean ondo hartu zuten —pentsa, Goenkale telesail arrakastatsuaren antzik bazeukala esateraino—. Baina guretzat garrantzitsuena: 2013an gustura irakurtzen direla bertako ipuinak, fresko mantentzen dutela gaurkotasuna. Izan ere, denborarekin gutxi aldatu diren giza-harremanak dituzte ardatz: gizon-emakumeen artekoak, senar-emazteen artekoak, maitale, lagun, guraso-seme-alaben artekoak. Familia, zentzurik zabalenean, eta bere zirkunstantziak harrapatzen dituzte, begirada zorrotz, arretatsu, sarri zirtolari batekin. Umorea baita nabarmendu beharreko beste ezaugarrietako bat, fina. Eta hizkera, azkenik, batere apaindurarik gabea, baina ez horregatik errazkerian erortzen dena. Ai, ama! eta Kontu-jaten aurrekoengandik ezberdinek osatzen dute Arantxa Iturberen literatur lanen zerrenda mehe baina interesgarria. Ordurik behinenek eta ordurik libreenek uzten dituzten beste ordu horietan idaztera animatzea, asko eskatzea izango da akaso. 2013-03-24 Buru-buztan urrupatzekoa Telesforo Monzon, Langosta baten inguruan Elkar, 1995 Telesforo Monzon politikaria bai, noski, nola ez. Telesforo Monzon letragilea ere bai, Itziarren semea, Lepoan hartu, Batasuna. Telesforo Monzon poeta pixka bat, 36ko gerra osteko exilioak idatzitakoa begiratzen aritu zarelako. Telesforo Monzon antzerki idazlea entzutez, biografia irakurri diozulako. Baina Telesforo Monzon prosagilea ez, hori ez. Esan nahi dut erabat ezezagun zitzaidala Monzonen fazeta hori; eta pentsatzen dut niri bezala beste askori. Baina izan badu prosa lanik, aukeratu, bildu, liburuan argitaraturik esan nahi dut, Langosta baten inguruan izenarekin. Koldo Izagirrek egin zuen aukeraketa eta egin zion hitzaurrea. Hitzaurrean esaten zaigu, adibidez: “Lizardiri bezala gertatu izan zaio Monzoni ere neurri batean, poetaren ospeak ezkutuan utzi izan du prosagilearen handia”. Poetarenak, antzerki idazlearenak, kantugilearenak, politikariarenak. Biak omen dira, ordea, Lizardi eta Monzon, prosan ere handi. “Uste izan dugu euskal kazetaritza Kirikiño zela eta ezer guti besterik”; baina gero gehitzen dira Larreko, Manezaundi, Jean Etxepare, Zerbitzari, Salaberry, Larzabal, Etcheberry, Monzon bera, “euskaraz idatzi diren irakurgai ederrenen egileak”. Gaurko kazetaritzaren aitzindariak ezagutzeko lan horretan, beraz, geldialdia egin beharrean gaude Monzon-Enean. Eta izan artikuluak dira liburu honetan biltzen direnak, Alderdi aldizkari klandestinoan 1949. eta 1960. urteen artean argitaratuak. Urte politikoki gorabeheratsuak Monzonentzat, 1952an utzi baitzuen kontseilari kargua, alderdia utzi gabe, Euzko Gobernuarekiko desadostasunengatik. Hala ere, “Agirre Lehendakariaren gaubeila” artikuluan kontatzen zaigu nola Monzonen etxeak hartu zuen Jose Antonio Agirreren gorpua, dagoeneko 1960an. Baina ez pentsa, eta artikulu gogoangarri hori alde batera utzita, gainontzeko testuek zera politikoa hunkitzen dutenik. Kontrara, gai askoz mundutarragoak, egunerokoagoak, herritarren kezkengandik gertuagokoak dira hemen aurkituko dituzunak. Ondo baino hobeto laburbiltzen da hori hitzaurrean: “KAS alternatibaren puntuak buruz ikasaraztea baino eraginkorrago zeritzon ipuintxo bat kontatzeari”. Eta estiloa bera ere, hizkera, are euskara batuaren aurreko euskara batua —bizkai-gipuzkoa mugakoa, lapurtarra, erabat gaurkoa—, eduki horiei dago hertsiki lotua, irisgarria nahi du izan —eta bada—, irakurria. Azken batean Langosta baten inguruan, hasi eta buka, oso egiten baita gozoa, irakurgarria, buru-buztan urrupatzeko modukoa. Artikuluak argitaratu ziren garaian, seguruenera, baina baita 2013ko begiekin ere begiratuta. 2013-05-05 Bakan ale bitxia Mayi Pelot, Teleamarauna Maiatz, 1987 Unibertsalki izan duen bigarren mailako estatusari gehitzen badiogu hizkuntza, begi-kolpe batean ikusiko dugu ez dela bereziki oparoa euskarazko zientzia fikzioa. Idatzi izan da, noski, Iban Zalduak inoiz aitzindari deitu dituen haiengandik hasita —eta bereziki nabarmentzen zuen Xabier Kintana, Izar berria nobela (1969) eta Ukronia (1972) ipuinarekin—. Baina ez generoa BBVA ligara igotzeko adina, edo adinakoa. Hala ere, eman izan ditu bakan ale bitxiak. Zalduak espezialisten taldean kokatutako Mayi Pelotenak, esaterako. Kasu kuriosoa da Pelot: batetik, Itxaro Bordaz landa, Ipar Euskal Herriko emazte idazle gutxietarikoa baita —gehienak ere Maiatz-en bueltakoak—. Eta, bestetik, idatzitakoa, esklusiboki ia, izan delako zientzia fikzioa. Maiatz aldizkariaren 5. zenbakian, 84ko apirilean, narrazio luze bat —“Telelabirintoa”—, eta ipuin bilduma bat urte bete beranduago, Biharko oroitzapenak. Bikaina lehena; gorabeheratsuagoa bigarrena, Mikel Antzaren hitzetan. Eleberri laburra da hirugarren emaitza, Teleamarauna —eta ez du zerikusirik Antzak laudatuarekin—. Narrazioaren haria da fin-fina: hainbat lagun, onak, elkartzen dira telepatiaren bitartez galaxiako jendea kontrolatu nahi duen bat, gaiztoa, menperatzeko. Ados. Horraino argumentua. Nabarmengarriena, aldiz, iruditzen zait Pelotek sortzen duen mundua: traturra mañetikoaren lantzen dute lurra; airetxaluparekin lekutzen dira batetik bestera; mikroordenagailu EN 24 belarridunak erabiltzen dituzte. Jantzi ahal dute jeroihalezko galtzatorra, pontxo luze bat, bestela, gorrixka berdea, uso paparo margokoa, oinetan espartin G araberakoak. Bizi ahal dira kontainer-jauregitxo kuttun zainduetan, iglubok modukoetan, barrua hyperfeldrozkoa, ohean thermotxarpoila. Laseraiztoak erabiltzen dituzte sugegorrien hiltzeko; droga gisa marruskatzen dute Deltako sashikat ostoa; esqwara bera, uronarra da, Antares aldekoa. Dena nahi bada oso xaloa, nahi bada oso lañoa dena, baina, eta akaso urteek ematen duten distantzia ironikoarekin, irribarre batez irakurtzen dena. Eta ez zuen askoz gehiago argitaratu Pelotek. Irudipena daukat gerora ere ez dela bereziki hobetu euskarazko zientzia fikzioaren egoera. Aukera bat da, hartara, Iban Zalduak hasieretan gaztelaniaz idatzi zuen zientzia fikzioa euskarara itzultzea itxarotea —eta, badakizue, gero frantsesera, ingelesera, hungarierara, eslovenierara… azkenik buelta gaztelaniara itzultzeko—. Baina akaso emango digu satisfazio berehalakoagoa euskarazko zientzia fikzio ez bereziki oparo horretan aztarrika aritzeak, bakan ale bitxi horietako batekin topo egiteko. 2013-06-09 Bilduma izatera iritsi ez zen bildumakia Salvador Espriu, Euskal Erria (itzulpena: Juan San Martin) Egan, 1967 Hilaren hamarrean beteko zituen Salvador Espriuk ehun urte artean bizirik balego. Narratzailea, antzerkigilea, baina batez ere poeta, are Kataluniako poeta nazionala. Ospakizunetan dugu aberri ttikia: Espriu urtea 2013.a, suziri-girlandak dira nagusi, idazleari, idazlearen obrari eginiko gorazarreak. Estaturik gabe baina nazio izanik jokatzearen abantailak. Gurera, poeta izan da esklusiboki ekarria. Jose Antonio Loidik poema bat, 1965. Koldo Izagirrek eta Gerardo Markuletak gerora, garaikideago. Baina Juan San Martin izan da Espriu gehien euskaratu duena. Haren bi lan garrantzitsu, Sinerako liburua (66) eta Zezen larrua (83-86). San Martinek itzulitako beste lantxo batek, ordea, jartzen du makinaria guztia martxan. Egan aldizkaria, 1967ko alea. Bertan, hiru poema: “Illargia”, “Karlos Ospetsuaren illobia”, “Aizea”, Espriuk idatziak —lehen-azkenaren tituluak orijinalean ere euskaraz—, San Martinek itzuliak. Dena hortxe geratuko zen, oso ondo, hiru poematxo, Espriuk hainbeste maite omen zuen Euskal Herriari eskainiak, hartuko ez bazenitu 68ko obra osoak, aukeratuko ez bazenu Poesia liburukia, irekiko ez bazenu Zatikiak, bertsetak, intentzioak, matizak izeneko atala. Hara, lau poema, País Basc epigrafepean: “Ilargi”, “La tomba de Carles el Noble”, “Aizea”, gehi 67-08-06ko data daraman “Biar”. Saski-naski bat da atal hori, enkarguz idatziriko poema sortak dira gehienak, baina badira bildumakiak. Euskal Herriari itxuraz idatzi nahi izan zion bildumaren ernamuin horren gisakoak. Bilduma idatzi nahi zuela ez dago zehatz inon jasoa, baina gauza jakina da inork eskatu gabe idatzi zituela poemok. Logikatik badu: 58an adierazi zuen “kolektibitatearen zikloa” hasteko asmoa, poesia zibikoago bat, bertsoen diskurtsibitatea, salaketa bokazioa, herriaren errealitate politikoaren presentzia identifikagarria. 60ko La pell de brauk erakusten dizkigu ezaugarriak: transizio liburua dugu, Sinerako mitotik —aberri ttikia eta mundu galdua— Sepharadenera —iberiar penintsulari hala esaten zioten diasporako judutarrek—. Adituek diote: hasten da konbinatzen heriotzaren eta giza kondizioaren gaineko hausnarketa lirikoa, Espainia frankistaren gaineko kritika irmoarekin. Eta gero dago Euskal Herriarekiko Espriuren miresmena. Lehendakariari idatzi zion 83an: esku abil eta jakitunetan zegoela Euskadiren kausa gorena, bere sentitzen zuena. Obra osoen ondorengo edizioetan, guztira sei dira Euskal Herriari eskainitako poemak: aurrekoei gehitu behar dizkiegu “Gau” (69) eta “Abesti bioztun bat naiz” (70). Eta onena: antza, oraindik geratzen da ineditoren bat. 2013-07-14 Berdin udazken, negu, udaberrian Xabier Aldai, Bazterrekoak Susa, 2000 Hamahiru urteren buruan liburu bati atzera heltzea ez da beti ariketa samurra. Zertan den orain hainbeste egindako irakurketa, nola eragin dion denboraren iragaiteak, zu zeu zenbatean zahartu zaren. Are gogoratzen baduzu liburu hura zela nabarmentzeko modukoa. Baina, noski, hogei urte zenituen orduan, bizitzaz ez zenekien ezer. Aurretik ezagutzen zenuen autorea. Bala zeru urdina, 1993koa. Gogoan duzula, zuk zeuk erositako lehen liburuetako bat. Gogoan duzula, harri eta belarri utzi zintuena erabat: zer jaten du mutil honek hemezortzi urterekin publikatzeko halako liburu bat. Demasa. Urpekari trapuak jantzita, beraz, hamahiru urte behera egin dut Xabier Aldairen Bazterrekoak ipuin bildumarekin. Eta, zer nahi duzue esatea, iruditzen zait denborarekin egin duela hobera, ardoen antzera. Izugarri harritu nau berriz, hamahiru urteren buruan, zer ahots, zer sendo, zer gordin. Izugarriak —eta hitzaren edozein adieretan— egin zaizkit berriz “Ehiztariak”, “Jostailuak”, “Uruguai bizi da”, “Han belarra beti berde baita”. Udan irakurtzeko modukoak denak, plaian, mendian, etxeko sofan —nik neuk herriko bestetara ere eramango nituzke, lasai asko—. Baina irakurtzekoak, berdin udazken, negu, udaberrian. Pena bakarra daukat, 2000ko Bazterrekoak izatea Aldairen azken liburu argitaratua. Ez dakit idazten jarraitzen duen —agian, suerte pixkatekin, bai: 2010ean sari bat irabazi zuen “Lanbrotan” izeneko ipuinarekin—. Jarraituko balu, ordea, irrika biziz itxarongo nuke idatzi duen horren argitarapena. Bestela luzeegi egingo baita Bazterrekoak berrirakurtzeko beste hamahiru urte itxaron behar izatea. 2013-07-28 Dena zen errazago Agota Kristof, Atzo (itzulpena: Eskarne Mujika) Alberdania-Elkar, 2003 Nik ez dakit nola iritsi zen Agota Kristof euskarara. Esan nahi dut, mundu mailako izen ezagun bat izan gabe —gaur egunean ere ez da, nahiz inon irakurri dudan inoiz Nobel sarirako hautagai izan dela—, Espainiako liburu merkatuaren bermerik izan gabe —eta oraino da autore bat Espainia aldean nahikoa gaizki tratatua—, nola baten batek hartu zuen 1997an Kristof euskaraz emateko deliberoa. Esango didazue Frantzian Le grand cahier argitaratu eta berehala izan zuela jesukristoren arrakasta. Ados. Esan nahi dudana da, euskaraz argitaratzeko apustua egin zen bezala, lasai asko utzi ahal izan zutela bere horretan. Ez zen lehen aldia izango. Baina baten batek izan zuen Koaderno handia ateratzeko ideia brillantea. Eta geroko istorioa ezagutzen dugu: auskalo zenbat edizio, auskalo zenbat ale saldu, auskalo zenbat irakurlerentzako erreferentzia. Pentsa, klubetara eramaten dute oraindik. Kristofek argitaratu zuen laugarren eleberria den Atzo honen kasua, ordea, are zait bitxiagoa. Literatura unibertsaleko 103. emaitza baita. Eta bildumaren arduradunek behin baino gehiagotan agertu baitute argitaletxe komertzialekin ez lehiatzeko borondatea. Esango dut berriz: Kristof ez zen —ez da— idazle kanonikoa. Beharko luke, hartara, gisa horretako bilduma batean lekua? Are aurretik euskaraz dagoeneko haren eleberri arrakastatsu bat bazela kontuan hartuta? Kontuak kontu, gauza da Atzo hau ere euskaraz daukagula —eta hirugarren bat, Berdin dio narrazio laburren bilduma—. Zer kontatzen zaigun bertan? Tobias Horvathen istorioa, Tobias Horvath berak azaldua —“Izenik gabeko herri batean jaio nintzen, garrantzi gabeko herrialde batean”—. Gerratik ihesi, babes-herri bat hartzera behartua, fabrika bateko katean kondenatua —“beti zulo bera pieza berean; hamar mila aldiz egunean”—. Eta Kristofen biografia zertxobait ezagutzen duenak berehala igarriko dio bi bizitzen arteko paralelismoari. Kristofek aitortu zuen Atzo zela bere testurik autobiografikoena. Tobias emakume baten oroitzapenak, hura inoiz elkartuko zaionaren esperantzak bizi du, gainera. Hemen biltzen du eleberri laburraren muina: “Nire bizitzari dagokionez, hitz gutxitan laburbil daiteke: Line etorri zen, eta gero berriro joan zen”. Zorrotza, gordina, krudela, umore beltz ukituekin. Lehorra, biluzia, garratza, hezurraren hezurra baino ez da. Atsekabe, desesperantza, min dosi doiak ditu. Eta erbestearen, bakardadearen, memoriaren gaineko ariketa kolpagarria da. Esaten du eleberriak: “Atzo dena zen ederrago”; baina esateko pixka bat aurrerago: “Oraina besterik ez dago”. 2013-10-06 Garaiari zegozkion bidezidorretan Jean Etxepare Landerretxe, Mendekoste gereziak Erein, 1991 Batekin aski ez eta bi Jean Etxepare ditugu euskal literaturan. Irakurleon zorionerako, bistan da, bi-biak izan baitira, bakoitza bere garaian, bere zereginean, izen nabarmengarriak. Gure gaurko Etxepare da Landerretxe, Gaztea ere deitua, ez umore beltz gutxirekin: gazterik hil zelako deitzen zaio hala. Eta gazte hil zen, alajaina, 24 urterekin, bihotzeko eritasunak eramana. Ordurako, ordea, idatzita utzi zituen antzerki lan batzuk, ipuinekin lortu zuen goren gradua. Mendekoste gereziak da azken gintza horren emaitza. 1957tik 1961era bitartean hainbat aldizkaritan ateratakoak sartu zituen Piarres Xarritonek bertan, 1963an, Goiztiri etxean. Guk irakurri dugu 1991n Inazio Mujika Iraolak Ereinerako apailatu ziona. Eta ez dut liburua hona ekarri haurrentzat diruditen ipuin horiengatik. Nahiz batzuk diren karamelu hutsa: “murru guziak dena zukrea dira, arbola guziak dena xokoleta, fruita guziak dena oñoña”. Nahiz batzuk, azaleko lainotasunaren azpitik, ezkutatzen duten zerbait ilunagoa. Ez dut liburua hona ekarri bukaera aldera dituen artikulu apur horiengatik. Nahiz 68a urrun delarik oraino euskara batua fermuki eskatzeko argitasuna erakusten duten: “Eskuararen batasuna ez badugu egiten, xahu gure eskuara maite”. Ez dut ekarri Baionako zezen-plazako korriden kronikengatik —Luis Miguel Dominguin, “plazatik atera da, gaizoa, oihukatuta eta xistukatuta”—, edo bilduma errematatzeko irakur daitezkeen bi poemengatik —bata, gainera, portugesetik itzulia—. Liburua hona ekarri dut, batez ere, “Kurutze gorriak”, “Argi-zirrinta”, “Itsas-izarra” bezalako ipuinengatik. Harrapatzen duelako kanpañaren akitzea, hiriaren esklabotza, Ameriketako diru erraza. Esaten digulako, punkien aurretik, etorkizunik ez dagoela, edo egotekotan beltza. “Ardiez, bihiez, aroaz, herriko sortzez, hiltzez eta ezkontzez” baizik ez dakigulako mintzatzen euskaldunok. Egiten duelako inmobilismoaren kontra: “Beti leku berean egoitea ere gibelerat joatea da”; irakurzaletasunaren alde: “ez dute senditu behar norbait katiximatik kanpo oraino katixima egiten ari zaiotela”; gizon-emazte harreman osasuntsuagoaren aldarria: “Sobera maite dut Mayalen haren nagusi izateko”. Ikus zer dioen soldaduez “Kurutze Gorriak” ipuinean. Zer dioen gerlaz “Etxekoak” izenekoan. Zer dioen laborantzaz: “Eskual-Herria ez dutela ote ta iratze zangoek salbatuko”. Xarritonek ere igarri zion. Eta ekarri dut, ez duelako agian Martin Ugalderen 1961eko Itzailleak haren, generoan lehena, batasun tematiko eta estilistikorik. Baina bai, ipuinak moderno izan nahi zuen hartan, nobedadea ekarri zuelako, eta sartu zuelako generoa garaiari zegozkion bidezidorretan. 2013-11-03 Neguko hotza bezain ona Iban Zaldua eta Gerardo Markuleta, Ipuin euskaldunak Erein, 1999 Halako gauza bitxirik. Izango da gehiago noski, baina ez dut gogoan gurean: bi liburu bakarrean, edo liburu bakarra bitan. Hartzen duzu alde batetik eta portada bat —Ramiro Arrueren “Erromerian” margoarekin—, izenburu bat —Ipuin euskaldunak—, egile bat —Iban Zaldua—. Hartzen duzu beste aldetik eta portada bera, izenburu bera, baina beste egile bat —Gerardo Markuleta—. Guztira hemezortzi ipuin, bi eskutara idatziak: idazle bakoitzak bereak, alegia. Eta izenburuak beldur dezentekoa eman lezake hasiera batean, egileak ez balira izango Zaldua eta Markuleta. Bi horiekin badakizu euskalduntasunaren alderdirik irringarri kritikable afrusenak izango direla jomuga, ez dela sekula izango euskalduntasun atsegin onbera kontsentsuzko bat. Eta horrek biziki lasaitu behar luke irakurlea. Zalantza bat izango du, halere, segur aski: irakurketa nondik hasi. Nik neuk ere izan nuen: eta erabaki nuen Zalduagandik hastea azkenean, baina barra kodea Markuletaren portadak duelako. Edo agian Markuleta narratzailea deskubritzearen plazera gehiago luzatzeko —badakizue plazer gehien sentitzen dugula plazera sentituko dugula sentitzen dugunean—. Zalduaren ipuingintza ezaguna dugu, eta alde horretatik esan genezake ez dela sobera aldatu hasiera haietatik; eta aldatu bada izan dela ipuinak are gehiago fintzeko, soberakinak kentzeko, hezurretara ekartzeko, ipuinak efektiboago egiteko alegia, hobeto. Idazlearen beraren filtroa izan daiteke batzuetan galbaherik zorrotzena —nahiz esango nukeen beste batzuetan izaten dela laxoena—. Eta, hala, Zalduak 2010ean apailatu zuen autoantologian, Ipuin euskaldunak honetatik bi ipuin sartu izana positibotzat har dezakegu —“Liburudendarena” eta “Zuloarena”—. Gutxi ematen du lehen kolpean, baina %25 da. Markuleta ipuingilea deskubritzea geratzen zaigu oraindik, ordea. Poeta gisa batez ere ezaguna —nahiz azkenaldian buru-belarri dabilen itzulpenetan—, Jon Iriberri izengoitiarekin zein izen propioagoarekin. Izan ere, hemengo hamarrak ditu, nik dakidala, liburu argitaratuan behintzat ateratako ipuin bakarrak. Zalduaren ipuinekiko diferenteak dira, noski, nola ez —ez dute irakurlearen estrainiamendua bilatzen, gaiak are fokatuagoak daude giza harremanen aspektu batzuetan—; baina badute ezaugarri komunik: hazkura eragiten dute, deserosoak dira, ez bertan goxo irakurtzeko modukoak. Ezen azken batean, eta lehentxeago aipatu dugunez, euskalduntasun ofizial esaten diogun horren kontra ari baitira nolabait ipuin erabat euskaldun hauetan. Eta hori neguko hotza bezain ona iruditzen zait gure —literaturaren— osasunerako. 2013-12-08 Oharrak gehiago Itxaro Borda, Emakumeak idazle Txertoa, 1984 Euskal literaturari kritika arkeologikoa egiterako orduan, zailtasun nagusietako bat da oreka mantentzea. Oreka kronologikoa, oreka industriala, oreka generikoa, aukeratzen diren liburuetan. Eta generikoa hainbat zentzutan: literatura generoei dagokionean, baina baita giza espeziearen generoei ere. Hala, denboran atzera egin ahala, gero eta zailagoa zait euskal emakume idazleak aurkitzea. Hona ekarri izan ditugu batzuk, Lourdes Oñederra, Pilar Iparragirre, Amaia Lasa, Laura Mintegi, Arantxa Iturbe, Mayi Pelot. Baina, konfiantza egidazue, ez da kausa beti erraza. Hartara, poza merezi dute Itxaro Bordaren saiakera bezalakoek: Emakumeak idazle. Antologia eta ohar zenbait. Hasteko, pausatzen du oso galdera pertinentea: “Zergatik berezi behar dira, euskal literatura aztertzerakoan, gizonak eta emazteak?”. Erantzunak ez dit iluna argitu, ordea: “euskal literatura estudiatzean gizonen zerrenda mamitsuetan emazteen izenen agertzeko lekurik ez litzateke”. Zergatik, emazteen izenik izan ez delako, agian? Isilaraziak izan direlako izenok? Jarraian ematen den emazteen euskal literaturaren historia llaburrak bigarrena iradoki lezake. Jarraiaren jarraian ematen den testu antologiak zalantza gehiago sartzen du. Liburuaren hitzaurrea da desmitifikatzaile —euskal gizartea matriarkalarekin, adibidez: “XIX. mendean moldatu mitologia hori, askatasuna nahi duten herri zapalduetan aski komuna da”—; da probokatzaile —garaiko euskaldun abertzale gazteen garbizaletasunaz ari dela, “Apez batek diona da hori”—; da salatzaile —“emazteak nahi baldin badu gizonen mundu hertsian mantendu, behar du gizona balitz bezala idatzi”—. Nahiz gero idazleen aurkezpenean tarteka irrist egiten den —Amaia Lasa, “Mikel Lasaren arreba” dela nabarmenduz, edota Mari Treku “Mattin bertsolariaren esposa”—. Nahiz gero antologia geratzen den ia name-dropping hutsean: goian aipatutako Lasa, Mintegi, Pelot, Trekuz gain, Henriette Aire, Mari Ameztoy, Itziar Alkorta, Nerea Azurmendi, Teresita (sic) Irastortza, Mariasun Landa, Maite Lazkano, Marixan Minaberri, Arantxa Urretabizkaia, Laura Uruburu eta Itxaro Borda bera —eta balirudike garai hartan autopunpa ez zegoela hain penalizatuta; baina, bestalde, egin al daiteke euskal emakume idazleen antologia bat Itxaro Borda ezinbestekoa gabe?—. Batzuk idazle gisa ibilbide oparoa egin dutenak. Beste batzuk antologiaz haraindiko ibilbiderik apenas egin dutenak. Eta hona ekartzeko idazle berririk aurkitu ez badut ere —antologiako izen zerrendari gehixeago tira behar, akaso—, liburua ezagutu izana dut kontsolagarri, eta ohar zenbait aski interesgarri. 2014-01-19 Libreak eta lotuak Luis Berrizbeitia, Zoperna jenerala Pamiela, 1987 Poesia, ez dakit mailua, baina zapata zolan iltzea zaigunoi, xamur egiten zaizkigu genero narratiboagoak, ez hain minbera. Horrexegatik, poeta izaera ezagun izanagatik ere, aitor daiteke itzulpenen bitartez ezagutu izan dudala Luis Berrizbeitia —itzulpenen bitartez itzultzaile bat ezagutzen ahal den heinean, noski—. Hau idazten duenaren heziketa sentimentalean ezinbestekoa izan da, adibidez, Gauza guztien zergatia, Quim Monzó katalanarena; abadinarrak itzuli zuen. Berdin, geroxeago, Roald Dahl, eta hemendik eta handik hartu zizkion Ixtorio hautatuak. Berrikien euskaratu duena izango da Basamortua, J.M.G. Le Clezio Nobel sarituarena. Nagiak ere gainetik kentzeko daude-eta, azken buruan, ausartu naiz Berrizbeitia poetarekin. Aukeratu behar eta jo dut estreinakora, 87ko Zoperna jenerala bildumara. Baina lasai asko izan zitekeen berdin Eremu karroinduak, olinpikoa, 92koa. Irakurlerik mendreenak atsegin hartuko du, orobat, Koldo Izagirrek apailatu zion kaierarekin —bada zerbait, XX. mendeko berrogeietarik bat—. Ezen, bateko-besteko, poemek baitute elkarren artean lokarria, “denen azpian epaixkaz eta gorderik bezala dagoen sentsibilidade batean”. Ez da erraz definitzen: irudien dotorezia, tonuaren oreka, unibertsaltasun gogoa, tradizio kultuaren eta koblakaritzaren baliatzea egozten dizkio hitzaurrean Izagirrek. Gehituko genuke hizkerarekiko xera, herriaren literaturari mira, arnas goratzeko gura. Eta, hara, aski azkar konturatuko da poesia irakurle alferrena ere poema narratiboak badirela halaber —dena delakoa dela poema narratibo izendapen hori—: “Esperantzazko solasa” edota “Haurra eta katabuta”, ia ipuintxo bat kontatzen dizutenak. Baina ez zaio bereziki kostako, era berean, bestela ebakita dauden poemak identifikatzea, koplariagoak: “Pariserat bidez” —Arnaud Oihenarti kuku— edota “Amodioaren urrentzia”. Ez gutxi kantatzeko modukoak begitandu zaizkit, Oskorrik “Negu partean mizpira” eder harekin egin bezala —“zu nitaz baino ni zutaz nago/ askozaz gehiago zale”—. Izan ere molde bitako poemak aurkituko ditu, batzuk libreak eta besteak lotuak. Baina guzti-guztiak esan daiteke direla aski askeak, aski buruaskiak, are aski bustiak: lerratzen dira nolabaiteko espiritu kritiko batekin. Eta, zer demonio, batzuek badute tarteka ukitu apokaliptiko bat, oso garaira datorrena: “Etorriko da eguna/ lurra ikaratu eta eraitsiko baita dorrea” (…) “eta orduz geroz oin berriek ebakiko dute bidea” (…) “etorri behar baita eguna/ dena berdin izatekoa”. Zoperna handia baita, uholde jenerala, jainkoak bidalitako zigorra; edo, nondik begiratzen zaion, bedeinkapena. 2014-02-23 Noizbait hasten baita Anjel Lertxundi, Hunik arrats artean Lur, 1970 Berrogeita lau urte luze eta oparoko ibilbide literarioa noizbait hasiko zen. Eta abiapuntua Hunik arrats artean honetan kokatu behar. 1970. Gutxigatik, Rafael Berrioren diskorik merezi ez duen urtea. Ipuingintza huskeria izatearen ustetik libratzen ari zen garaia. Anjel Lertxundi “izan zen lehena, Martin Ugalderen ondoren, ipuina modu sistematikoan lantzen eta genero honi literatur balio osoa ematen”, esango digu Izagirre-Mendiguren tandemak. Ipuin liburuaren azal-hegala mintzo zaigu orain, akaso ausarki, estreinakoa baitzen, hogeita bi urterekin argitaratua: Anjel Lertxundi “euskal literaturako ipuinegileen artean onenetako bat da”. Hasier Etxeberriaren Bost idazle elkarrizketa liburuan aitortzen du Lertxundik azal-hegal horrekiko ahalkea; berak idatzi ez zuela aitortzeaz gainera. Emaitza gogoangarrienak nobelagintzan aitortu bazaizkio ere —Hamaseigarrenean, aidanez; Otto Pette—, Espainiako sari nazionala saiakera batekin irabazi duen arren —Eskarmentuaren paperak—, hasieran izan zen ipuina. Kasu honetan ipuin aski laburra, errebueltarik gabea, ez gutxitan bihurria. Tarteka, hegoamerikarren errealismo magiko deitu hura gogorarazten-edo diguna. “Luisa” ipuinean, esate batera, eta ez bakarrik “maitasuna ahariekin egiten” dutelako; protagonistagatik: “hamabi urterekin haurdun zen eta ez zekien aitaren berri. Augusto bere aita izan zezakean. Edo Augusto, bere anaia. Edo Augusto, bere etxean bizi zen lengusua”. Marteka saiakeratxora gerturatzen den ipuina, iritzitik iristen dena: adibide dira “Pentagrama bat osatu ezinean” —abeslariek, “musika fusilatu, hurkatu ditek, hitza salbatzearren”— edota “Bizardunen bizarra eta loretokia” —“Egun, estruktura etsai bat dugu eta ertilariak dira estrukturen salatzaileak”—. Tarteka eta marteka, azkenerako, izateko gure herriaren berri ematen digun ipuina. “At joaten geranean”, erakusgarri gisa: “Literatura eta ertia burgeskeriak dira”, aurrerago esateko “Marx bakarrik irakurtzea da burgeskeria”. Baina, tira, Lertxundik esaten zuen jada, 1970ean dagoeneko: “Snob-zale gehiegi dago gure herrian”. Berrogeita lau urte ez dira alferrik pasa, ordea; gauza batzuetan, onerako gainera: “Ba diat nik lagun bat astero Zeruko Argian idatziarren xentimorik kobratzen ez duena”. Lertxundiren obra gerora hazi da, sendotu, gainditu ditu hasierako ipuin haiek. Baina ia mende erdi bat geroago irakurririk, eta emailu batek kolpatzen digun bezala, “nekerik gabe atzemango dugu idazle baten sena bideratu zuela genero baztertu honek”. Ibilbide literario luze eta oparoena ere, beti, noizbait hasten baita. 2014-03-30 Literaturan bertan Pablo Sastre, Eguzkipekoak Alberdania, 2003 Ez dut sobera ozen esango, badaezpada, baina Pablo Sastre da gure idazle ahaztua. Gure idazle ahaztuetako bat, bederen. Ez dut sobera ozen esango badaezpada, orain edozer jar daitekeelako modan berehala, batek daki ze mekanismo estrainioren arabera. Ezin asmatuzkoak dira sare sozialen bideak. Baina, bai, ez da esaten dudan lehen aldia —gutxienez, neure buruari—: ez du behar bezalako aitorpenik izan Pablo Sastreren literaturgintzak. Bost axola. Literatura beharko litzateke interesatzen zaiguna, ez hainbeste errekonozimendua. Eta handik ugari aurkituko dugu Sastre-Enean. Narrazio luze-labur, azkenaldian saiakera, liburu berezi bat ebatsi diogu gaurkorako, harribitxia: 103 pieza labur, arin, ttiki, beste hainbeste liburutako pertsonaiengan inspiratutakoak. Jolasa sinplea da: jendeen historiak kontatzen dituzten liburuak irakurri, eta gero liburu bakoitzari buruzko testutxo bat idatzi. Irakurketarekin egin dituzun lagun horiek irakurleari aurkeztu, nolabait. “Azken batean, nire bizitza, hein handi batean, besteen bizitza baita, eta gehien miresten ditudan lagunetako asko liburuetan, ez hain gutxi liburu honetako liburuetan aurkitu ditut”. Hemen eta orain sinatzeko modukoak iruditzen zaizkidan hitzak. Eguzkipekoak har daiteke irakurle baten irakurketa gida, katalogo, bilduma gisara. Har daiteke literatura unibertsalaren laburpen gisara. Har daiteke ipuin liburu gisara. Har daiteke tarte honetan egiten saiatzen garen liburu iruzkin sorta gisara. Denetarik aurkituko duzu bertan: hango-hemengo, atzoko-gaurko, beti ere lehenesten dela jende apalarekiko mira, errespetua, gorazarrea, ezezagunarekiko kuriositatea, desberdinarekiko burkidetasuna. Literatura handiko tituluak bildu dira. Bestela askotan dira, ez idazleen liburuak, baizik eta bizitza zirraragarria izan duen jendearenak, ez gutxitan jende horrek berak idatziak. Eta kasu guztietan ere jakingarri gertatuko zaizkigunak. Gerora Sastreren saiakeretan aurkituko dugunaren zantzuak igartzen dira: “inork ez bide zuen sumatzen inolako erlaziorik bere konfortaren eta inguratzen zituen munduaren dekadentziaren artean”. Tarteka, gainera, umore dosi doiarekin gatzozpinduta: “Molloyk, beste aktibitate aipagarri batzuen artean, aldian-aldian bere amari bisita egiten zion”. Eta liburua bururatuta, hondarreko hausnarketa bat: zenbat geratzen zaigun oraindik irakurtzeko, zenbat gauza gozo gordetzen dizkigun artean literaturak. Azken batean, literatura bizitzeko ustea sendotzen dizu Sastreren liburuak. Non ez den literaturan bertan bizitzekoa. 2014-05-11 Betetzera jarrita Askoren artean, Hamairu ate (itzulpena: Joseba Sarrionandia eta Mitxel Sarasketa) Elkar, 1985 Literatura zulatua izateak hori dauka, hutsuneak nolabait bete beharra. Eta sartzen direla tarteka tartean bestela nekez sartuko liratekeen gauzak. Adibidez, erdal umore beltzaren antologiak. Luze gabe, Hamairu ate izeneko hau, zenbakiak hatxe bakarra zeraman garaikoa. Aukeraketaren arduradun, bi: Joseba Sarrionandia eta Mitxel Sarasketa, berdin arduradun itzulpenarenak. Argitaratu urteari begira, presondegian ondu zen antologia. Presondegiko baldintza eskasekin, pentsatzekoa da. Hauxe utzi zuen emaitza: ipuin motz-motzak batzuk, are motzagoak besteak —pentsa, aforismoren bat ere bai noizean behin, Francis Picabiaren hau esatera: “Mirestea, gaitzestea bezala, arrazoi txarren gainean eraiki ohi da”—; eta guztiak ere egiazkoena omen den umoreen artean beltzenari dagozkionak. Autore batzuk ezagunak, Franz Kafka edota Gabriel García Márquez. Beste batzuk erreferentziazkoak, Ambrose Bierce edota Pere Calders. Beste batzuk gehiago ezagutu beharrekoak, Saki edota Max Aub. Eta beste batzuk harrigarriak, Kostas Axelos edota Gonzalo Suarez. Eta gehiago, noski hamahiru guztira. Gainontzekoak deskubritzea —adibidez, Leonora Carrington—, hori bai, utziko dugu irakurlearen eskura. Segidarik izan ez zuen “Erdal umore beltza” saileko ale bakarra —lastima!—, liburua berez ez da gauza handia; esan nahi dut, erdal umore beltzak mereziko lukeela antologia txukunago bat euskaraz. Adibidez, Anthologie de l’humour noir hartara gerturatuko litzatekeen zerbait, hemengo hitzaurrean aitortzen den bezala, “klasikoa eta eredua delako, Andre Breton surrealistarena” —hainbesteraino klasiko eta hainbesteraino eredu, hango autore-testu batzuk hemen ere aurkituko ditugula, Picabia, Kafka, Carringtonenak—. Eta Gonzalo Suarezek badu ipuin bat nabarmena, “Non lurra esferikoa dela frogatzen den” izenekoa. Pere Calders, oro har, beti, da garantia, eta “Trena” eta “Hautsetatik gatoz” eta gogoan hartzeko modukoak. Eta Kostas Axelos izango da, sorpresa atseginena izateaz gain, antologiako guztien artean finena. Baina izenburuak ondo islatzen du antologiaren izaera, orokorrean antologia batena: ate bat eskaintzea, ate bana, kasu honetan hamahiru autoreon obra ezagutzeko. Gonbita da antologia. Eta, hartara, eskuartean dugunak betetzen du bere funtzioa. Literatura zulatua izateak hori dauka, hutsuneak nolabait bete beharra. Eta sartu beharrean erdal umore beltzeko ale gailenak zuzenean, sartzen direla tarteka tartean bestela nekez sartuko liratekeen antologiak. Ate forman sartu ere, funtzioa beteta, hutsunea neurri batean betetzera jarrita. 2014-06-15 Gogoa sartzen dizu Irene Nemirovski, Dantzaldia (itzulpena: Eider Rodriguez) Txalaparta, 2006 Irene Nemirovskyren lanik ezagunena da, zalantzarik gabe, Suite frantsesa. Rafael Chirbesek orriotan bertan seinalatu zigun nobelatzarra; norbere ipurdia salbatzeko karrera horretan, gure garaiaz ere ari zelakoan: “Gerretan, etsaiaren aurrean gertatzen diren ihesaldi handiak duintasun ezaren eredu dira, edozein zapaltzen da, edozein entregatzen da norbera salbatzeagatik. Irakurri duzu Irene Nemirovskyren eleberri zoragarri hori, Suite française, alemaniarren mehatxuaren aurrean Parisetik nola ihes egiten duen? Bada, horrelako zerbait, baina ustezko bake sozialaren garaian”. Euskaraz, haatik, Dantzaldiarekin egin zuen 2006an debuta —gerora etorri dira Arimen maisua, Suite frantsesa bera, Birjinak eta Odolaren sua—. Euskaraz debuta, euskalduna zenak. Euskalduna baitzen Nemirovsky, berak eta bere biografoek esaten dutena egia bada behintzat —eta ez dakit, hartara, manualetan-eta zergatik ez duten sartzen frantsesez idatzi zuten idazle euskaldunen artean—. Euskarazko lehen itzulpen honek asko zor dio, noski, bi urte aurretik, 2004an, Suite frantsesaren eskuizkribua deskubritu izanari. Baina zerk ez dio zor Nemirovskyrenean deskubrimendu hari. Kontua da bigarren jaiotza horren aurretik Dantzaldiak egin zuela famatu idazlea, 1930.enean argia ikusi zuen eleberriak. Ez dezagun erabat ahitu, ordea, liburuaz aritzeko daukagun tartea. Suite frantsesaren aldean Dantzaldia da nobela bat laburra, zuzena, kontatu nahi duen hori baino kontatzen ez duena: senar-emazte aberastu berri batzuek ez diote alabari parte hartzen utziko emango duten lehen dantzaldian. Hori kontatzen du eleberri laburrak, eta nola alaba mendekatzen den. Beste ezer ez. Zertarako. Nahikoa zaizkio 6 urteko haurrentzako liburuen neurrikoak diren letrekin osatutako 113 orrialde eskasak —kendu, bide batez, hitzaurrearenak—, Eider Rodriguezek “torturatzen zioten gaiak” definitu dituenak aletzeko: ama-alaben arteko harremanak, aberats berriak, diruaren likitsa, kultura judua eta mendekuaren arma. Aletzeko, gainera, airean eramaten zaituen estilo batekin, arnasa hartzeko betarik apenas uzten dizun tentsio batekin, Rodriguez berriz: historian zehar herri, etnia, belaunaldi, zoko, geografia eta mende guztietan errepikatzen diren gertaera mitikoak pertsonalizatzen —Kampf senar-emazteak eta haien alaba Antoinette—, geografia zehatz batean —Paris— eta kronologia jakin batean —1920ko hamarkada— finkatzen. Labur, Dantzaldiak gogoa sartzen dizu Nemirovskyren gainontzeko guztiak irakurtzeko jarraian. Eta euskaraz ere baditugu mordoxka, manualetan-eta agertzen ez zaigun arren. 2014-07-20 Freskura atseginean Jokin Muñoz, Atlantidara biajia Alberdania, 2000 Ez dakit nik zer dugun uda partean bidaiekin, urtean zehar egiten ez ditugunak denak egin nahi izaten ditugula. Baina fisikoki baino nahiago duenak bidaiatu liburuetan, urteko edozein sasoi zaio aldeko horretarako. Eta, udako gomendio, ez ote naizen ari proposatzen metabidaia bat. Ez, tituluak iradoki bezala, prezisamente Atlantidara. Ez, idazleak propio hala nahita, euskaldun askoren imajinarioaren baitako Erriberara —Valdorbatik barna—. Ez. Katalunia aldean soldadu egon direnek, bai, baina zerbitzu garaikideagoak egiten ditugunok ere ondo ezagutzen, eta ondo pairatzen dugun Castejonera baizik. Zehatzago amona zenaren etxe handira, paseoan. Zer eta korraleko tejabana azpian esertzeko goxo-goxo, gaueko freskura atseginean. Mendizaleen ohitura hautsiz, Etxauritik eguerdian aterako da ni bidaiaria, lau egunen buruan besta egiteko. Bitartean gertatzen zaizkionak, eta bururatzen —bidaia oro baita, eta batez ere, barne-bidaia—, hobeto irakurleak berak deskubritzen baditu. Gauzatxo bat bakarrik: ez espero hemen kontzesio, erruki, miserikordiarik; bertako kontu guztiak, Jokin Muñozek idatziak dira. 2014-08-03 Baina bizirik Xabier Montoia, Hezur gabeko hilak Susa, 1999 Gerra zikina existitu izanak gerra garbirik egon dela pentsatzera eraman gaitzakeen bezala, ausartzen gara esatera tamaina aldetik gerra diferenteak egon direla. Gerla Handia deitzen diogu, hartara, 1914-1918 artean eragin zuen txikizioari. Nahiz gerora gertatu diren handiagoak. Nahiz gerra bat sekula ezin daitekeen gerta txiki, ez behintzat bizi izan duenari. 14koa, ordea, handia izateaz gainera, ez zen inolaz ere arrotz izan euskaldunontzat; geratu zitzaigun bakarrik iparraldera. Armiarmako lagunak ari dira, haatik, gogoratzen efemeridea. Astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak on-line jartzeaz batera, esaten digute: bizi izandakoen kronika eta oroitzapenen bitartez jaso zuela gure literaturak I. Mundu Gerlaren testigantzarik fidelena. Kirikiño eta Batxiren kronikekin, adibidez, edota Jean Elizalderen 57a gerlan. Baina narrazio eta eleberriek ere hartu dutela gaia, XX. mendean, halaber XXI.ean. Bi mendeon arteko saltoan argitaratu zen, hain zuzen, Hezur gabeko hilak. Xabier Montoiaren bigarrena den eleberri honetan —“beste ezusteko bat eman digu”, zioen Markos Zapiainek orduko hartan—, Jean Etxegoien eta David Mandel soldaduen guduketa garaiko gorabeherak kontatzen zaizkigu. Euskalduna bata, errusiarra bestea, frantses dira biak paperean, eta, garrantzitsuago, gerrako lehen lerroan. Noski, izugarriak dira batailetakoak, sekula erori gabe futbol partida baten narrazioan. Izugarriak dira noski batailaren ondorengoak, “soinetik bereizi besoak, zango solteak, buru baten zatiño ezagutezinak”. Baina berdin dira hemen izugarriak, noiz ez diren areago, hurrengo batailara artekoak: Etxegoien eta Mandelen arteko solasak, maiteaz, iragan bizitzaz, gizajendeaz, gerraz, jendarteaz, etorkizun denaz. Ahaztu gabe laguntasunaz. Laguntasun gordin eta muturreko baten istorioa baita, azken batean, irakurle maite, Hezur gabeko hilak. Eta ez sobera abegikorra euskaldunekiko: esaterako, Piarres Landa elkartzen zaienean, saratarra, 57koa —Jean Elizalde bezala—. “Frantsesez ere ez dakien ezjakin hori?”, dio Etxegoien eskolatuak. “Bertze euskaldun alu bat! Ardi eta emazte hilen bortxatzaile gorrotagarria”. Baina, oroz gain, basakeria handienaren erdian ere, bizitzaren aldeko kantu baten aurrean gaude. Edo gautza: “Berdina duk guztien lehia: une bat gehiago, bertzerik ez bada ere, bizitzen jarraitzea, handizki pairatu behar izan arren. Nehork ez dik nahi mundu satsu honen uztea!”. Rosario ez dakit sainduko iraultzaile hark esan zuenaz bestera, alegia: “Hobe okerturik baina bizirik ezen ez harro katabut baten barnean”. 2014-09-28 Erreparatuko bagenie Miguel Torga, Piztiak (itzulpena: Bego Montorio) Alberdania, 1997 Hara: “Vilarinhoko biztanle guzti-guztientzat, salbuespenik gabe, gauak gau ziren; iluntasuna besterik ez. Eta egunak are okerrago, argitasuna gorabehera. Aberats nahiz pobre, ez zioten ez eta eguzkiaren distirari erreparatzen. Jan egiten zuten, edan, eta ildoak ireki, kondenatutakoen egonarriaz”. Ai, alabaina, erreparatu izan baliote gauari, egunari, eguzkiaren distirari, erreparatu izan baliote aurre-aurrean zutenari, Miguel Torgak erreparatu bezala, ikusiko zuketen izan badela besteren artean piztia saldo bat, piztia gordin, goxo, anker, hunkigarri saldo bat. Luze gabe, Piztiak honetan bildutako horiek guztiak. Ez dakit zergatik, animaliak literaturan haurrentzako bazka izan ohi dira. Gizajendearen trasunto onbera, zuri, kalterik gabeko izateko, edo, kasurik onenean, ume koitaduak beldurrez akabatzeko. Aitzitik Torgarenak, Bego Montorio itzultzaileak hitzaurrean gaztigatu gisara, ez dira Disney faktoriako piztia melengen abenturen parekoak. Piztia horiek asko, gehiegi gogorarazten dizkigute hezur-haragizko gizon-emakumeak: eperrek, esate batera, “intzirika, pertsona ahotsa izaten zuten kasik, erruki eske”; aurrerago, ardia, “hasi zen marraka eta marraka, ume batena zirudien etsipenaz”. Hainbeste non, hankabiko nahiz lauoineko, piztieria guztia gertatzen zaigun azkenerako etxeko: Nero, Mago, Premu, Soraio, ispiluan agertuko zaizkigu geure burua bertan begiratzera ausartzen garenetan. Txitxarra kexu da, baina berdin beharko genuke guztiok: “Lan egitea patua balitz bezala!”. Haren aldarria egin beharko genuke gure lelo: “Kantatzea bizitzan sinestea eta heriotza gainditzea dela”. Eta orain artekoak gutxi balira gainera, Miura zezenak eskainiko digu zezenketak benetan maite ditugunok beti amestu dugun korrida: toreatzailea adarkatua suertatzen dena. Piztiak bildumak, 1940an lehen aldiz argitaratua, askoren ustez mugarria ezarri zuen Portugalgo ipuingintzan. Pertsonalki iruditu zait gogoangarri. Eta, ondorioz, harrigarria nolaz ez duen Torgak gurean izan itzulpen gehiago, pitxi honen ondotik, beste batzuek izan duten moduan. Montorio berriz —eta bide batez, itzulpena da kategorikoa—: aje zaharra, zoritxarrez, portugesezko literatura urrunekotzat jotzearena. Piztiak dugu, behintzat, beste gaixotasun gaiztoagoren baten aldean, lusopatian erortzeko modukoa. Eta azkenerako, ondorio gisara: ai, erreparatuko bagenio gauari, egunari, eguzkiaren distirari, erreparatuko bagenie Miguel Torgak egin bezala piztia bat eta bakoitzari. Ipuin liburu honen moduko literatura gozagarri gehiago izango genuke hartara, eta besterik ez bada. 2014-11-02 Erdibidean geratzea ere Ixiar Rozas, Edo zu edo ni Erein, 2000 Mende hasierako ebento literario nagusia beste bat izan omen zen, argitaletxe bereko beste nobela bat, modu berean emakume batek idatzitakoa. Baina, alajaina, Ixiar Rozasen estreinako liburuaren harrera ere ez zen izan nolanahikoa. Luze gabe harrera kritikoa: kaleratu eta ondorengo lau hilabeteetan, zortzi kritika literario. Batzuk, auskalo zirrarak eraginda, pertsona berak idatziak, bertsio mejoratuan-edo: “Bizitza aldatuz” izenarekin lehenik, “Bizitza berreskuratuz” gero. Kritiken hemeroteka markagailu balitz, 5 eta 8 esango genuke, Rozasen alde. Baina konpetizioa baino, literatura lehenetsi nahi duen tarte honetarako, hara: Graziana Barrenetxea dugu nobelako protagonista, 58 urteko emaztea. Bidegurutze batean aurkitzen da, seguru bere bizitzako garrantzitsuenean. Senarra du, nola esan, etxera iritsi, sofan etzan eta telebista pizten duen horietakoa. Seme-alabak habiatik kanpo, lagunik apenas, bizitza soziala mugatuko zaio merkatuko erosketetara. Eta gero dago adinaren mamua, zahartzearen izorratzea. “30 urte ezkonduta, 10 auzo horretan, 28 Agustin jaio zenetik, 24 Laurarekin, eta horietatik zenbat izan ziren niretzat”, galdetuko dio bere buruari. Galdetzeko gero, “egon al daiteke hilik norbera, hilik egon gabe”. Egiten duen arte bidaia bat, ezagutzen duen arte Anjel, txoferra, autobusa aparkatzeko garaje finkorik ez duena. Ez da izango, ordea, kromo kanbiatze soila, ez bada bizitza berri baterako atea. Zalantzati: “Nola egingo diot uko egun batetik bestera azken hogeita hamar urteotako bizitzari”. Bada, igarriko diozue nobela irakurri ahala: aldatzen da bizitza, bai horixe, aldatzen du protagonistak, zehatzago esanda. Kontakizunak aldatzen duen bezala, lehenengo, bigarren, hirugarren, narratzailea; aldatzen duen bezala narratzaileak solaskidea; berdin aldatzen da denbora: orainetik iraganera, iraganetik orainera. Eta egia da edabe, akelarre, sorginen irudia erabiltzea irudi liberatzaile gisa, zer nahi duzue esatea, pereza pixka bat ematen duela. Baina liburuak pasatzen duen mezua, mende hasierako ebento literarioak pasatzen zuena baino askoz ere iruditzen zait askatzaileagoa. Eta alde horretatik kritika errepikatzaileak arrazoi zuela: bizitza aldaketa baino, bizitza berreskuratze baten istorioa da hemen kontatzen zaiguna, gaur hain modan dagoen ahalduntzearen bidetik. Bukaerak sorpresa du, gainera. Eta epitafio gisa ere balioko lukeen sententzia hau: “puzzlea osatzeko modu asko dagoela ikusi dut eta ez dagoela zertan osatu, erdibidean geratzea ere zilegi dela”. 2014-12-07 Aliziak baino fantasia gehiago Harkaitz Cano, Telefono kaiolatua Alberdania, 1997 Gauza serioa da, baina parrimurria eskapatzen zait niri: “1994. urtean argitaratu zuen bere lehen liburua: Kea behelainopean bezala izeneko poema-bilduma. Urte hartan bertan argitaratu zuen Pavlov-en txakurrak saio hibridoa. 1995ean, Radiografiak ipuin-liburua eta Beluna jazz nobela argitaratu zituen. Euskaldunon Egunkarian ere irakur daitezke bere idazlanak. Gaur egun Zuzenbide ikasketak egiten ari da”. Eta ez 55 urtetik gorakoentzako programa batean: 1975ean jaioa, 22 urtetxo baino ez zituen Harkaitz Canok Telefono kaiolatua argitaratu zenean, 1997an, eta bibliografia hori jarri ahal izan zuenean azal-hegalean. Auskalo nork pasatzen zizkion Zuzenbideko apunteak. Ez baita ulertzen bestela. Esan nahi dut, Rimbaud euskaldunik bada, Cano izan daitekeela hautagai nagusia; bikaintasuna eta loria hogei urteen bueltan lortzen hasi zen gure idazlea. Denek ez zuten berehalakoan ikusi. Edo aitortu zioten bibliografia gorabeheratsua. Garai hartako kritika batek konparatu zituen Telefono kaiolatua eta Beluna jazz aurrekaria: “Liburua interesgarria bada ere, gustora irakurri badut ere, aitortu behar dut ez duela bete lehengo eleberria irakurtzean sortu zitzaidan ikusmina”. Milurte berriko hamabosgarren honetatik, iruditzen zait pareko zahartu direla biak: lehen irakurketa hartako zirrara berritzen dizutela, alegia, “Aldatz behera itsasoan”, “Koltxoia” edota “Whisky & Nolotil” ipuinek. Ipuinak eta poemak, baina iruditeria partekatzen dutenak: Heineken —begiak erabat zabalik zituela hil zen bati betazaletan txapak jartzeko—, Gillette —Jimi Hendrixek kopetan alderik alde ebakia egin eta koka xehetua zinta batean jarri ondoren zinta hori buruan lotzeko—, Camel —geltokiko orratz-zainaren alabaren ahoan kokatzeko—. Poetika moduko bat aurkezten dutenak, auskalo Canorena, gutxienez idazle berrientzat: “Urrutira joan zinen, urruntasunean zure idatzietarako ihesaren lasaitasuna aurkituko zenuelakoan. Iragana, hutsean emandako pauso bat zela-eta, ahaztu egin nahi zenuela. Ez zenuen oraindik ikasi etorkizuna iraganera heltzeko lasterbide bat baino ez dela”. Eta ipuin batean aurki daiteke liburuak uzten duen inpresioa: “Aliziak baino fantasia gehiago nuela buruan”. Horiek gutxi balira, bozgorailuetatik Beti Mugan taldearen musika ozena: moztu ilea ispilu atzean etzanda daude zure begiak. Ezin erabat objektibo izan, beraz, liburu honekin. Diru propioarekin erositako lehenetakoa, memoria literarioan geratuko da portada lila-arrosa, ukigarria, Olariagaren hiru telefono poste harilkatuekin. Eta orduko irakurle hura, bertan betirako kaiolatua. 2015-01-25 Mapa eta lurraldea Uxio Novoneyra, Bazterrak (itzulpena: Koldo Izagirre) Pamiela, 1988 Galizia, Lugo, Coureleko mendietan barrena ibiliko gaitu Uxio Novoneyrak. Ibili gintuen bezala paraje berdintsuetatik Anxel Folek Kriseiluaren argipean. Hegoalderago bidaiatu ginen Xose Luis Mendez Ferrinen Mugaldeko jendearekin, Ourense aldera, Galizia eta Portugal bereizten dituen arraiara —hain justu Miguel Torga portugaldarrak Piztiak bilduman bisitatzen zuen Tras os Montes haien bestaldera—. Dena dela, beste garai batzuk ziren —Josu Landak, argikari honetantxe esan bezala, Novoneyraren poemen iritzira: “Baten batek galegotik gehiegi itzultzen ari dela pentsa dezake”—. Beste garai batzuk ziren, itzultzen genuen galegotik, Novoneyra, Fole, Mendez Ferrin, guztiek ere partekatzen zuten lurralde bat, mendi, landare, animaliez egina. Zerikusirik ez Iolanda Zuñigaren Post-it bizitzak ipuin liburuak erakusten dizkigun Vigo eta enparauekin. Horiek gutxiek, ordea, eta gehiagok, osatzen dute euskaraz irakur dezakegun literatura galegoaren kartografia. Koldo Izagirreren itzulpenean, eta bi liburukitan —antza, papera merkeago zegoen laurogeietan, edo ez hain garesti behintzat—, Luis Pimentelen Sombra do Aire na Herba eta Celso Emilio Ferreiroren Longa noite de pedra poemategiekin batera, gerraondoko poesia galegoaren hiru oinarri nagusietako bat da Bazterrak. Coureleko gailur ilunak, beraz, otso lurrak, euri, elur egunak. Beste ezer baino lehen, leku izenak, “haietako asko esanguratsuak eta denotazio indar handikoak”, Izagirreren hitzaurrean. Horrexegatik daude galegoz, Pia Paxaro, Boca do Faro, Devesa da Rogueira. Pixka bat Joseba Sarrionandiak egiten zuena Ruper Ordorikak abestutako “Izen zaharrak” hartan, edota Oskar Alegriak Emak Bakia baita ezin ederragoan, itsas azpiko harkaitz, etxe izenekin. Ez bakarrik, ordea: osinak, txiribiak, mendabelarrak, kardulatzak, andagarratzak; balirudike hasiberrientzako botanika gida baten aurrean gaudela, plazer estetikoa ahaztu gabe, hori bai. Baina, guztiaren gainetik, natura, bere gordinean, bere osotasunean, eta ez hiriarekiko kontrajarri, ez eta bereziki gizajendearen gogoa aletzeko eran. Nahiz “hemen ongi somatzen dela gizona zeinen guti den”. Eta gizona dioenak dio emakumea, eta gainontzeko genero guztiak, noski. Hirurogeietan galegoen artean nagusi izan zen poesia soziopolitikoaren aurreko poesia da Novoneyrarena. Garai batean gehiegi itzultzen zela uste bazuen inork, gaur egunean zilegi da pentsatzea gutxiegi itzultzen dela euskarara galegotik. Inork lurralde hori mapan zehatzago marrazten duen artean, ordea, ez ahantzi: Coureleko zeru-lurrak, Galizia-Portugal arraiakoak bezala, berdin Vigokoak, dira azkengabeak. 2015-02-22 Hau deitzen da politika Piarres Larzabal, Herriko bozak Auspoa, 1962 Teatroa, daukagu erabat ahaztua. Nahiago nuke bakarrik hemen; aldiz ea nor doan gaur antzokira, are ea nork ateratzen duen testua irakurtzeko kuraia. Eta aitzitik ditugu teatro idazle azkarrak, Piarres Larzabal, aurten jaio zela mendea. Ibon Sarasolak: “Apaiz. Epe honetako autorerik hoberena. Ehunen bat obraren egile”. Larzabalek konfirmazioa: “Uste dut ehun ta hogei bat obra, handi eta ttiki, luze eta labur idatzi izan ditudala”. Lehen ikusgarria, Irri eta Negar, gizon mozkor baten merkatutik etxera sartzea, Gure Herria aldizkarian argitaratzen zuena. 1934. Beste Piarres batek, Xarriton: “Irri eginarazteko xedea besterik ez dute hastapenean. Laster, irri eta negarren artetik, entzun-ikusleari zenbait gogoeta eginarazi nahi dizkio. Gizarte arazoak harrotzen dituzten komediak dira”. Xarritonen ustez Larzabalen larrienak: Orreaga, Paper mende, Sarako lorea, Urriki latza 1964an, gero Lana eri, Suedako neskatxa 1965ean, Ibañeta eta menturaz hoberena, Matalas 1968an —Sarasolak berresten du azkena: “haren obrarik interesgarriena”—. Labur, Larzabalek berak idazlan osoen 6. liburukian dioena: “Otoi euskalduneri erakuts diezaiegun nolakoak diren eta direnarekin zer egin dezaketen. Bizia lagun dezala teatroak, biziarekin kurrituz. Ikusliarrak bete ditzagun ez bakarrik iragan ederraren penez, baina egiteko denarentzat xede suharrez”. Eta badakit lehenik departamendukoak direla, baina zer nahi duzue esatea: Matalasen bizitza eta mirariak baino, Ibañetako patriotismoaz bestera, puskaz gehiago gozatu dut udal hauteskundeen itzulian ari den Herriko bozak honekin. Pertsonaiak, bozetako egunetan ardo gorritik edaten duten gorriak batetik, zuritik edaten duten zuriak bestetik. Bakoitza bere aldeko bozen bila. Gehi Pako mozkorra, noski: “Heldu da bozkatzeko tenorea, ez da orduan erregerik ni baino ohoratuagorik”; “Ha zein goxo den hola jaun handi batzuen, zure eskale bilakatuta, ikustea!”. Eta Kattalin, ostalertsa, auskalo nagusia, baina a ze jefa: “Politika egin behar dela nahi dut, bainan politika saltsa… Hanitzentzat saltsan artzea da politika egitea”. Pakok, gorriak eta zuriak edan ondotik, sententzia: “Berdin denek leher egiten ahal dute enegatik”. Bainaren bat jartzearren, zalantza izan dut pertsonaia batekin, burxoroa baita. Gertaldi oso bat ematen dute haren kontura iseka: “Zakurrak saingaz eta haurrak harrika lotu zaizko”. Halere, azken gertaldiak ahantzarazten dizkizu oro makurrak. Pakoren bozarekin, bozen kondaketarekin, bikaina. Ezen ondo baitio Kattalinek: “Ez izan beldur… Hau deitzen da POLITIKA”. 2015-03-22 Mundu jakin bat Jexux Mari Mendizabal, Ilargia lekuko Erein, 1989 Geografia literario batzuek fikziozkoa dute izena. Gogoratu gurean Otsabide, Trilluelos, Obaba. Beste batzuek, aldiz, ez dute zertan asmatu izenik, eta ofiziozko mapetan agertzen direnak ekartzen dituzte literaturara: esate batera, Bera, Biriatu, Behobia, Pausu, Irun, Hendaia, Hondarribia, Jesusmari Mendizabalen Ilargia lekuko narrazio bilduma honetan. Joserra Garziak, hitzaurretik, “nobela izeneko askok lortzen ez duena lortzen duelarik: mundu jakin baten islada, ikuspegi askotatik eta askotariko ikuspegiz ematea. Polifonia deitzen diote horri adituek”. Eta zein da mundu demonio hori, ez baita bakarrik geografia: bada, “Bidasoa behereko kontrabandisten mundua” —gehi, azken ipuinean, Hondarribiko alegia aspaldiko bat, bonus track gisara—. Kontrabandistak, beraz, bai, “gau hotzetako gizon busti haiek”. Baina ez bakarrik: berdin etxean zain dauden emakumeak, zelatariarena egiten duen atsoa edota txalupa bitartez aritzen diren arrain saltzaileak. Eta ez halaber bakarrik tabako ron eta kanela: berdin hezur haragizko pertsonak, “marroki, portuges edo dena delakoak, Frantziko aldera eramateko”. Ondo esan zuen Josu Landak 90ean: pertsonaiak abenturero bezala aurkeztu gabe, heroismo erromantikoetatik urrun, kanpoko ikuspegi batek sortarazi ohi dituen joera moralizanteak erabat baztertuz. Baina Landak berriz ondo esan bezala, pertsonaiak modu positiboegian agertuta, “apenas maltzurkeriarik dagoen eta jende guztiak fideltasunik handienarekin jokatzen baitu aldioro”. Akaso izango da bilduma honek ahozko literaturarekin daukan zorraren ondorioa, ikuspegi apur batean manikeoa. Baina zorra ez da nolanahikoa, egileak berak aitortzen du: “Paperetan ez dugu euskaldunok ezer asko esan eta gurerik apenas datorren dokumentaturik. Alde horretatik motz-mutu izan garen arren, ez ahotik belarrirakoan horratik!”. Garziak ere eskertzen dio ahalegina, nahiz egin aditz okerrarekin: “kontakizunak literatur statusera jasotzeko”. Eta konturen bat aurretik irakurrita geneukan Mikel Tabernaren testuren batean, lehen aipatutako bonus track hori egiten zitzaigun noski ezaguna. Geografia partekatzearen ajeak. Baina gera gaitezen hitzaurrean aipatzen denarekin: “Zail da gaur egungo euskal literaturan liburu honen sailkiderik topatzen”. Garaitsu hartakoa da Obabakoak. Itzulpen —Eguzki kolpea, 2009ko Euskadi sari— eta gazteentzako liburuen egile, balirudike Juan Rulforen hura gertatu zaiola Mendizabali: helduentzako bilduma bakar, osaba ez baina, auskalo informazio iturria ahitu eta isiltasunaren bidea aukeratu zuela. Nork daki behin-behinekoz. 2015-05-03 Hiria eta ezkontza Natalia Ginzburg, Hirira doan bidea (itzulpena: Pello Lizarralde) Igela, 2001 “Esan ohi da haur asko dagoen etxea alaia dela, baina nik ez nuen batere alaitasunik aurkitzen gurean”. Delia da modu horretan mintzo dena. Hamazazpi urteko neskatoa. Bost neba-ahizpen artean bigarrena. Ahizpa du aitzindari: “Azkar ezkondu eta, Azaleak egin zuen bezala, handik alde egitea espero nuen. Azalea hamazazpi urte zituela ezkondu zen”. Eta alde egin bai, baina nora? Bada, hirira. Hiriak ez du izenik, II. Mundu Gerra aurreko edozein herrixkaren ondoan dagoen hiria izan daiteke. Bidea, ordea, ez da beti izango ibiltzen erraza. Ezkontza eta hiria, beraz. Hiria eta ezkontza. Bi horiek Deliaren zerumuga zedarritzen duten osagaiak. Hiria etorkizunaren sinbolo, aurrerabide, askatasunarena. Ez derrigor herria irrigarri utzita halere, ez bada urguilu txikia erakutsita: “Denak ez dira gu bezain sendoak. Gu nekazari artean bizi gara eta bera, aldiz, hiritik hurbilegi hazi da”. Beti ere hiria helburu, hiria xede, hiria jomuga. Eta ezkontza, emakumeak garaitsu hartan izan zezakeen aterabide bakar. Baina, batetik, gainontzeko emakumeen oharrak: “Emakumeari ezkontzen denean hasten zaizkion arazoak. Hor ditun haurrak oihuka, senarra zerbitzatu beharra, bizitza zailtzen duten aita-amaginarrebak”. Bestetik, Delia beraren asmo fermuak: “Pentsatzen nuen ezkondutakoan aske izan nahiko nukeela, eta primeran pasatu”. Noraezean ibiliko dute —“limoi bat bezain berde dago eta beti ahoa okertzen ari da”—, aldiz pertsona sendoa da —“esan nion ez nuela neskame jartzeko gogorik, eta nahiago nuela fabrikan lan egin”—, eta gauzak konplikatzean, desio bakar bat izango du: “Lehengoa izatera itzultzea, nire soineko azula jantzi eta egunero hirira alde egitea, eta Nini bilatu eta ikusi ea nirekin maitemindua zen, eta Giuliorekin ere pinudian ibili, baina ezkontzeko beharrik gabe”. Hori denori estilo lau, xehe, soil batean azalduko digu Natalia Ginzburgek, hamazazpi urteko narratzaileari dagokion moduan, konplikazio narratibo handirik gabe, hausnar bereziki lodirik gabe, xalo-xalo eramaten gaituela lehen hitzetik azkenera, tentsioa mantenduz, atentzioa lotuz, gehiago gosez. Idazle italiarraren obrara sartzeko liburu aproposa iruditzen zait. Gerora etorri zirelako beste bi, Igela argitaletxean berean. Eta beti pentsatu izan dut Ginzburgek Pello Lizarralde bezalako idazle bat —ez bakarrik ona, halaber iradokitzailea— eraman bazuen itzulpengintzara —auskalo motibo prosaikoagoak ere baziren tartean—, derrigor izan behar zuela zer edo zer. Eta badu, alajaina, Hirira doan bidea zapaltzera ausartzen denak berehala igarriko dion bezala. 2015-05-31 Iruñea besterik Aingeru Epaltza, Sasiak ere begiak baditik Elkar, 1986 Bada, iruindar maiteok, Asiron alkate izendatu izana baino amesgaizto gaitzagorik: adibidez, Pedro Mari Arrieta baztandarrak Hiri Buruzagian bizi izan zuena, pastiza deskubritu ziotelarik. Ordura arte, aldiz, kalma. Karanbola bitxi xamar batengatik: tropa karlistetan soldadu soil, teniente ospedun izatera pasa zen, bataila baten ondotik, liberalekin. Hau, orduan, Iruñea, zer bilakatu zitzaion: “Don Kaxildok bere predikuetan aipatzen zigun Jerusalem eta Babiloniaren pareko zen ikusitako oro”. Dena berri, dena zoragarri, dena gogo-izpirituarentzako laketgarri. Eta gorputzarentzako, Urrezko Eskalapoina izeneko kantinara egindako bisitak kasurako. Nor harrituko da gero: “Ez dut leku zoragarriagorik ezagutu Iruñea besterik”. Baina ez da ehun urte irauten duen zorionik —ez eta, zorionez, errejimen foralik—. “Ederra zen, bai alafede, Torres tenientea izatea!”. Harrapatu egingo dute, ordea, karanbola bitxi hartan atzean utzitako diru moltsa kozkorragatik: “Ez zekiat oraindik zer haizen, zorte oneko ergel bat ala egundo baino zakurragoa”. Eta izango zuen akaso Arrietak arbaso kanidorik, lortzen baitu berriz eskapo egitea, kasu honetan Euskal Herriko hiriburu historikoa omen denetik. “Antzerki txar batetako komeriante txirtxila senditzen nintzen une hartan”. Bertan kontatzen zaizkigun pasarteak lehen karlistadako bukaerari dagozkion arren —hala diosku irakurlearentzako zenbait argibide dakartzan sarrera modukoak—, liburu osoa zeharkatzen du umore lerro benetan irringarri batek. Adibide ugari ekar liteke, baina, barre ederra atera zidan, esaterako, hasiera partean, Zumalakarregi hiru urtean hila dela, “Don Tomas Zumalakarregi, izan bedi gure nagusiko!” oihu egiten duenean Arrietak, auskalo zer jeneral berri agertzen zaienean parean. Haatik ere, kontakizunak badu hausnar sakonagorik, adibidez, gerrari buruzkoak, karlistak noski, susmoa dut ez bakarrik: “Hamabortz urte antsu zeramaat alde batetik bertzera iraultza delako baten alde”, edota “gerlaren akaberan etxera ailegatzen haiz (…) zorte ona izanez gero, atera hintzen bezain osorik, baina baita atera bezain esku huts ere”. Konpletoa iruditu zait eleberria oso, Aingeru Epaltza artean gaztetxo baten lehena izateko. 1985. urteko Iruñeko Udalaren literatur sari, noizbait desagertu zen golardo hori, auskalo amesgaiztoa eta ametsa nahasten duten horien eskutik. Eta seguru Epaltza gaztetxoak ere izango direnez egun, zer hoberik, udal gobernu berriarekin euskal idazle belaunaldi berriak aterako balira, Epaltzarenaz gain, Alonso, Aranbarri, Lizarralderena ere baden hiri horretatik. 2015-07-05 Aberasteko modukoa Askoren artean, Poemas naufragos (itzulpena: Joseba Sarrionandia) Susa, 1991 Galegotik “gehiegi” itzultzen zen garaikoa da argitarapena: 1991ko maiatza. Zehatzago, maiatzaren 17a, Día das Letras Galegas. Urtero, data horrekin, ospatzen baita egile galegoen eguna, gogoratuz Rosalía de Castrok 1863koan argitaratu zuela Cantares gallegos famako hura. Zentra gaitezen gurean: Poemas naufragos: galegoz heldutako poemak. Susa literatura aldizkariaren 27. zenbakiarekin liburuki bat opari. Joseba Sarrionandiak kartzelan itzulitako poemak. Xosé Estévez eta Iñigo Aranbarrik jatorrizkoak aurkitu eta egile bakoitzaren fitxa txiki bat daraman edizioa prestatu. Eta Koldo Izagirreren sarrera. Elebiduna dena, galegoz eta euskaraz. Zortzi poeta, hamasei poema guztira. Poetak dira: Manoel Antonio, Luis Amado Carballo, Alvaro Cunqueiro, Aquilino Iglesia Alvariño, Luis Pimentel, Luis Seoane, Celso Emilio Ferreiro, Manuel María. Salbuespen batzuekin (adibidez Cunqueiro, Literatura unibertsalean! ), euskaraz hemen baino ez dauden poetak. Noski, denak gizonezkoak. Baina ez da antologia honek islatzen duen arazoa soilik. Urtero, maiatzaren 17ko datarekin, berritzen da polemika. Día das Letras Galegas, berrogeita hamar ediziotik gora, eta hiru dira emakume omenduak: Rosalía de Castro bera, noski, itsusia litzateke bestela. Francisca Herrera Garrido, 1987an. Eta 2007an María Mariño —bide batez, Euskal Herriarekin harremana izan zuen idazlea—. Antologiako zortziak omendu dituzte jada (tira, Manuel María izango da 2016ko idazlea). Eta poesia galegoarekiko interesa agertu duten poeten —Gabriel Aresti, Koldo Izagirre, Itxaro Bordaren— sator-lana aitortuta —Iratxe Retolazaren terminoa erabiltzeagatik—, ez ote den lagina, kanona aberasteko ordua. Antologiako zortzi klasikoen aldean, ez ote luketen Luisa Villalta, Xela Arias gisako klasikoek beharko, bizirik daudenen artean Chus Pato, are gazteagoa María do Cebreiro ez ote genituzkeen gehituko. Bestela antologia beharrezkoa baita, Poeta katalan garaikideak haren ildokoa. Kontua ez baita orain arte egindakoa deuseztatzea —egindako gutxia deuseztatzeko gaude ba—, ez bada errebisatu, zabaldu, hobetzea —eta ari gara, ez soilik genero, beste norabide batzuetan ere: Lois Pereiroren euskaratzea adibide—. Inoiz irakurri izan dut, auskalo non, nori —ze autoritate moduri—, beste generoen aldean poesia garatua duen literatura —eta auskalo zer den hori— literatura azpigaratua dela —eta auskalo zer den hori ere—. Galegoena ikusita, gehiago iruditzen zait niri literatura baten bizitasunaren erakusgarri. Ekarpen berriekin etenik gabe aberasteko modukoa, beti ere. 2015-09-13 Libre baizik Arantxa Urretabizkaia, Koaderno gorria Erein, 1998 Zergatik panpox eleberriari uztarturik darrai Arantxa Urretabizkaiaren idazle irudiak. Horixe bera defendatzen du haren obra xeheki aztertu duen Iratxe Retolazak. Uztarketak badu oinarririk: euskal eleberrigintzaren bilakaeran mugarri, emakume batek idatzitako euskarazko lehen eleberria da, gainera modernoa. Eta Zergatik panpox eleberriari uztarturik darrai, nahiz hasi zen poesia publikatzen, San Pedro bezperaren ondokoak, adibidez, Euskal Literatura 72 izeneko liburu kolektiboaren barruan —Koldo Izagirrek: “liburu hartatik denboraren joanak higatu gabe iraun duten obra bakanetako bat”—, XX. mendeko poesia kaiera bat merezi izateraino. Zergatik panpox eleberriari uztarturik darrai halaber, nahiz badituen nabarmentzeko moduko beste eleberri batzuk, ez hainbeste Saturno —maitasun istorio konbentzional bat, grazia handirik gabea—, gehiago 3 Mariak —zahartzaroari egindako erretratu ez topiko bat—, baina, batez ere, Koaderno gorria. Bi planotan dago narrazioa antolatuta: batetik, Venezuelara lagun baten seme-alabak aurkitzera doan emakume baten gorabeherak azaltzen dira, nola lagunak idatzitako koaderno gorri bat eman behar dien haur horiei; eta, bestetik, koaderno gorri horretan idatzita dauden pasarteak sartzen dira. Eta oso da interesgarria koadernoa irakurri bitartean lagunaren irudiak emakumearengan jasaten duen bilakaera, argi baitu ez dela edonor, emakume miretsia dela, Euskal Herriaren alde egiten duela borroka, edo askatasunaren aldeko gudaria dela. Azkenerako, ordea, miresmena zena bihurtzen da zalantza. Baina pisu gehien hartzen du, duela zazpi urte senarrak eramandako umeak topatzeko inkestak, hiru astean zehar emakume gazteak Caracas eta inguruetan aurkitzen duen jendearekin dituen harremanak, harreman berri horiek sortzen dizkioten hausnarrak. Labur, asko gustatu zait eleberriak erakusten duen emakumearen ahalduntzea, tradizionalki euskal literaturak eman duen emakume-emazte are ama irudiarekin hausten duena, ekintzaile dena, gizona parez pare begiratzeko gauza, familiaren instituzioa kritikoki begiratzen duena; “ez da bakarrik sentitzen, libre baizik”. Hala, aurreko eleberriek ez zuten konplexutasuna du egitura aldetik honek, trama aldetik, orobat planteatzen diren ideien aldetik. Ibon Sarasola: “nobela honetan daude Arantxaren orrialderik onenak”. Uste dut arrazoi zuela. Zergatik panpox eleberriari uztarturik darrai Arantxa Urretabizkaiaren idazle irudiak. Ondo egingo genuke, ordea, Arantxa Urretabizkaiaren idazle irudiari beste liburu batzuk uztartzen hastea. Luze gabe, Koaderno gorria. 2015-10-18 Zintzo jokatzea Ramon Saizarbitoria, Aberriaren alde (eta kontra) Alberdania, 1999 Euskal literaturan nobelagile gisa da ezaguna Ramon Saizarbitoria. Hori gogoratzen digu hegalean eskuartean dugun liburuak, orotariko saiakera laburrak biltzen dituen bilduma batean argitaratu zenak. Liburu arraroa da, beraz, idazlearen bibliografian bederen: 1970eko Mendebaleko ekonomiaren historia hartatik ez baitu saiorik egin; gerora ere ez, guk dakigula, ez behintzat berak bakarrik sinatutakorik. Eta ekonomia kontuak urrun, idazlea kezkatzen duten gure errealitate soziokulturalaren alderdi zenbait larrutzen dira Aberriaren alde (eta kontra) honetan. Zenbait, ugari, baina harritu naute euskararen inguruan ari direlako horietako ez gutxi. Felipe Juaristik bazekien, eta ez zuen liburua irakurtzeko batere asmorik: “gogait gaizto egina bainago euskarari buruzko eta euskararen inguruko gaiei buruzko eztabaidez. Egiago esatera, euskararen gainetik nabil aspaldi honetan, aingeruak bezala hegan”. Eskerrak tarteka oinak lurrean izaten ditugun. Bai, ze, euskararen ingurukoak izango dira hemen larrutzen diren alderdietako ez gutxi —“geure egoera zehatzari ahalik eta estuen egokitutako konponbideak aurkitzeko gai izan beharko ginateke”—, literaturari buruzkoak beste batzuk —“ez dut uste hobea denik irakurtzea, edozer gauza irakurtzea, eta azken finean, gauza txar bat irakurtzea, telezaborra ikustea baino”— eta, tituluari men eginez, abertzaletasunaren gainekoak ere badaude —“gure nazionalismoak okerrera egin du, kultura menderatu baten defentsatik, ezaugarri etnizistak erakusteraino”—. Mutur bateko zein bestekoei haserrea pitz diezaioketen kontuak; ez, bereziki, idazlea erdian jarri zale delako, ez ekidistantziagatik, ez bada fatalitate hutsagatik, “kontrakoari neurri bereko alderdi positiboak ikusi gabe egitea” eragozten dion halabeharragatik. Ezin kontu guztiekin bat etorri, hartara. Markos Zapiainek esan zuen, 2000ko kritika batean: “Ezinezkoa da Saizarbitoriarekin erabat ados egotea, baina ezinezkoa da halaber punturen batean bederen bat ez etortzea”. Kontu guztiak dira, ordea, eztabaida pizgarri. Eta, azkenerako, esango nuke hausnarketek eurek bezainbat erakarri nautela hausnarketak plazaratzeko moduak, gogoak, jarrerak. Nire ustean esaldi honetan laburbiltzen direnak: “Geure buruarekin zintzo jokatzea; hori da, beraz, kontsigna”. Idazlearen bibliografian arraroa den liburu hau argitaratu zen bildumaz, Zerberri sailaz, zer esan: faltan dudala, hitz-jario neurrigabea nagusi den garaiotan, berritsukeria gailendu den sasoian, ehun orrialderen bueltan gogoeta egiten duten liburu patxadatsu, jakingarri, eskurakoak. Saizarbitoriaren pieza bakan honen gisakoak. 2015-11-22 Beste bizitza batean Eduardo Gil Bera, O tempora! O mores! Pamiela, 1989 Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) saiakera liburuan irakur daiteke: “Beharbada, barne-kritika (…) zaila delako edo, kontua da, noizean behin, euskal kulturaren munduko norbaitek atea danbatekoz itxi eta alde egiten duela”. Hitz horiek irakurri eta Eduardo Gil Bera burura etortzea, bat. Atea itxi —zaratots handirik atera gabe, hori bai— eta alde egin izanagatik —Angel Errok: “Euskal literaturak galdu duen egilerik interesgarrienetakoa”—. Eta auskalo barne-kritika zaila delako. Akaso bai, argikari honetantxe aitortu baitzuen: “Tudelatik euskalduna! Ematen dik gainera jantzia dagoela, badakiela. Baina hasi duk hiperkritiko eta ganberro xamar eta, ixi!”. Auskalo zergatik, baina desertatu du, utzi egin dio, ez da gehiago izango —Hasier Etxeberriaren hitzetan: “Domaia den arren, seguru asko euskarak betiko galdu duena”—. Alberto Barandiaranek esango lukeen bezala, ordea, “beste bizitza batean” euskaraz idatzi zituen lanak. Har diezaiogun bat, adibidez, O tempora! O mores!, bigarren saiakera liburua, lehena, Atea bere erroetan bezala, 1988koa, eskuraezina baita. “Kontzientzia eta moralari buruzko gogoeta zenbait” aurkituko ditugu bertan, azpitituluaren arabera. Eta halaxe hasten da hasi, giza moralaz, kontzientziaz —”giza morala ikertzekotan baldin bagara, kontzientziarena dugu lehenik xuritu behar dugun prolema”—, baina gai filosofiko jakin bati buruzko liburu zurruna dirudiena, berehala bilakatuko da, hola eta hala, zentzuaz, obedientziaz, bestaz, erlijioez, suizidioaz, normaltasunaz, aisiaz, segurtasunaz eta abarrez hausnarrean ariko zaigun testu jakin-atsegingarria. Azken aldera gainera jartzen da inoizko interesanteen, lastima da beste ehun orrialde gehiago ez irautea. Eta guztia irakurketa zabal, izpiritu kritiko, are burlaize ukitu batez idatzia. Hara zer dioen, bestela, anarkistez: “Kristaukeriari fideltasunean, haiek dira lehenak, gero sozialistak, protestantak eta, azkenik, puska batez gibelagoan, katolikoak”. Nik baino hobeto dio Josu Landak: “Jipoiak ezker-eskuin luzatzeko duen elegantzia lotsagabea, aipamenak eta erreferentziak indiskriminatuki baina erudizio faltsuko itzalik gabe egiteko modua, irakurlearen usteak eta portaerak kuestionatzeko manera ez-inkisidorea”. Joseba Sarrionandia, bukatzeko, Bost idazle elkarrizketa liburutik: “Ez nioke euskaraz idazteko esango Pablo Antoñana, Miguel Sánchez-Ostiz, Pedro Ugarte edo Marie Darrieussecq moduko jendeari (…) baina nahiago nuke Eduardo Gil Berak euskaraz idazteari ez uztea”. Neronek ere bai, noski. Inoiz bueltatu artean, berriz, “beste bizitza” hartakoak dauzkagu irakurgarri. 2015-12-27 Urradura sakon batetik Henriette Aire, Egiaren egarriz Maiatz, 1989 Lehenik, Itxaro Bordaren Emakumeak idazle saiakera hartan izan genuen haren berri —“esan nion ez nuela parte hartu nahi liburu horretan, ni ez nintzela ez idazle sentitzen, ez emakume idazle sentitzen ere. Eta atera egin zituen olerkiak!”—. Henriette Aire. Urepelen sortua. Kontxo, aitaren alaba, Aire ahizpa-neben arteko bat, nagusia. Hazka gehixeago eginez, harrapatu genion poesia liburu bat, Egiaren egarriz. Bordaren antologiako bi poema aurkitu ditugu bertan —apur batean moldatuak, finduak—, hirugarren bat gelditu zen bidean. Ordainetan, beste hemezortzi poemekin osatu zuen bilduma, guztira hogeita bat. Josu Landak xehatu zituen: “Libre ezin bizitzeak eta maitasuna nahi bezala ezin gozatzeak” markatzen ditu denak —“Nahi duena ezin ukana duenak/ Eta ukan dezakena ez nahi/ Daukana ezin dezake maita”—; mundura egokitu ezinean dabilen gizakia dute protagonista —“Herria herri maitea/ Nahi zintuzket askatu/ (…) Bainan nola ditzazket/ Moztu zure kateak/ Ni loturik nagoenian/ Preso gizartean”—; eta are arrotzago sentitzen da emakumea mundu horretan, zapalduta —“Altxa burua emazte/ Ez egon bide erditan/ Bizitzak balio du/ Bizitzea”—. Landak, oraindik: “Urradura sakon batetik sortzen dira hitzak”. Urradura sakon hori zein izan daiteke, ordea. Akaso besterik, baina bat egin izan du publiko inoiz Airek: “Parisen bizi izan naiz, hamaika urtez. Hamaika urteren buruan, senarrarengandik banandu eta erabaki nuen berriz Euskal Herrira etortzea, hiru semeekin. Aitak gaizki hartu zuen, eta esan zidan: ez dut nahi gehiago esan dezazun inori ene alaba zirela, eta ez dut nahi jin ziten gehiago etxera”. Urradura sakon hori garbi agertzen da “Uste zinuen” izeneko poema luzean, “dozena bat orrialdeetan zehar bizitzaren ikuspegi zapuztu baina azkenean optimista” eskaintzen digun horretan. Ikuspegi zapuztua: “Zure uztarria/ Ezin jasana duzula?/ Bakartasunean/ Eta zuhaurek/ Arduratu nahi duzula/ Bizitzeko gelditzen zaizun/ Zure biziaz?/ Burutik joan ote zira?”. Baina azkenean optimista: “Ikusten zaitut zoriontsu/ Zure osotasunean/ Zoriontsu/ Maitasunean”. Eta optimista, akaso, nork daki, inoiz publiko egin izan duen honegatik: “Gero etorri nintzen, aita Bordelen zegoen ospitalean, hara joan nintzen eta oso ondo pasatu zen, txuritxuri, larri zegoen ohetik ni ikusita jeiki zen eta besarkatu ginen… Bidean esan zizkidan haiek ez baitziren aitarenak berarenak, inguruak esanarazi zizkion, haren malkoetan ikusi nuen”. Bidean, halaber, nobela bat hasia, eta denbora eskasiaz ez egina. Domaia da, hartara, urradura sakon hark, edo beste batzuek, emaitza gehiago eman ez izana. 2016-02-07 Aukeran nahiago bestela Juan Garzia, Akaso Erein, 1987 Ez dut ukatuko: Gorka Bereziartuak aipatu zuenetik, jada 2008 urrun hartan, nobedade ez diren literatur lanak hartzen dituen tarte hau abiatzeko, irakurketa maiteen artean izan dut Juan Garzia Garmendiaren Itzalen itzal. Pentsa, manifestazio bat antolatuko balitz, eta Bereziartuaren atxikimenduaz gainera, neronek ere sinatuko nuke Garziak berriro idatz dezan —1995ean Fadoa Coimbran eleberria argitaratu ondotik ez du fikziozko libururik atera—. Broma-edo aurretik zetorren, ordea. Elkarrizketa gogoangarri batean —esaten zituenengatik, baina galdetzen zizkioten kontu batzuei iskin egiteko abileziagatik ere bai—, “Euskal Bartleby bat bihurtu ote zara?” galdetu zioten Volgako Batelariek. Erantzuna izan zen: “Zer pintatzen dut (edo nuke) oraingo euskal literaturan? Ez da manifestaziorik antolatu, behintzat, nik dakidala, idaztera itzul nadin. Konformatzen naiz haren leloa euskaratu izanarekin: ‘Aukeran nahiago ez’”. Obra laburreko autore, bederen, honezkero aipatu dizkiogun bi liburuez gain, badu beste bat, aurrekaria, estreinakoa: Akaso. Ipuin liburua, guztira lau, tartean Ignacio Aldecoa saridun “Pernixio” luzea, gehi Anjel Lertxundiren hitzaurrea, gehi egilearen beraren epilogoa. Aipatu elkarrizketan Garziak: “Akasoko pieza gehienak hor abiatu ziren, gaxtekeria eta guzti: aiton-amonen ipuin-munduaren hustmina, eskolako fraideekiko kontu-kitatze saioa”. Bigarren taldekoa litzateke, ale bakar, “Bele jolasak” izenekoa. Gainontzekoak, gutxi asko, bestekoak, nahiz “Petiri-landako kusoa” gehiago izan Lertxundik aipatzen zuen “ahozko tradizio narratiboa jaso eta literarioki taxutu” horietakoa. Labur: lau ipuinek dutela nork bere izaera eta nortasuna. Xabier Mendiguren Elizegik egin zion kritika bakana, argikari honetantxe: “Ipuin liburua dugu hau, eta ona gainera. Oso ona ere esango genuke”. Tranpa da, baina gerora Itzalen itzal etorri dela ikusita, iruzkina iruditzen zait ausartegia. Esan nahi dut, bigarrenarekin puskaz gainditu zuela lehenbizikoa. Gainera, ondoen jartzen ditu lehen multzoko ipuinak. Eta “Bele jolasak” izenekoaz esan zuen: “Pretentsio haundiak dituen arren —edo beharbada horrexegatik— ez zait iruditzen guztiz ondo gauzatu dituenik”. Niri, aldiz, ipuin horixe egin zait, beste ohikoagoen artean, nabarmengarriena. Aldrebesena, bai, baina ondorioz interesgarriena. Bi aldiz irakurri behar izan dudan bakarra; eta, segur aski, bi aldiz irakurtzeak pereza emango ez lidakeen bakarra. Mendigurenek, 1988an: “Juan Garziak narraziogintzan segituko duelako esperantzan geratzen gara beraz”. Urteak pasa dira, baina esperantza ez da galdu. Manifestazio bat antolatu behar badugu ere. Nahiz, aukeran nahiago bestela. 2016-03-06 Bakarra eta bera Alberto Barandiaran, Mundu txikia Susa, 2005 Irakurketa batek eramaten zaitu beste irakurketa batera, eta irakurketa horrek eramaten zaitu hirugarrenera, eta hirugarren horrek beste batera, etcetera, etcetera. Halako katean iritsi naiz neroni, bidenabarkoan aspaldi handian zain neukan Alberto Barandiaranen Mundu txikia narrazio bildumara. Juan Garzia Garmendiaren Akaso irakurri berri —zehatzago “Bele jolasak” ipuina, zeinean, sexu afera batzuk tarteko, mendeku txiki bat hartzen den eskolako fraideen kontra—, irakurri nuen Barandiaranen kazetari lana: Irungo La Salle, 1970eko hamarkada, gehiegikeriak ikasleen kontra. Baina Berriako artikuluak bazuen ifrentzua, baliokide bat fikziozkoa, Martxel, hain zuzen Barandiaranek fikzioan egin duen sartu-irten bakarrekoa. Hasiera-hasieratik da kolpagarria: “Nik, esperientzia, Adrianarekin —eta gero, atera zitzaidan—: eta Sebastianekin (…) Apaizgaitegiko arduradunetako batekin”. Eta zeinen ondo islatzen duen, ez bakarrik esperientzia lazgarria, baizik eta, beste hark esango lukeen bezala, euskaldunen paralisi komunikatiboa. Baina ez da bakarra. Hartu bestela “Ekaitz”, euskara errefusatzen duen haurra, hizkuntza afektiboa gaztelania baita, hain erreala. Hartu “Elvira”, ikusteko iraganeko gerrak zeinen presente dauden orainean, zeinen presente leizea, kolpe batean Sagardia Goñi familiaren hura gogora ekartzen diguna —ez ahaztu: emaztea eta haren sei seme-alaba leize-zulo batetik behera bota zituzten 1936an—. Edota “Kotte”, ikurrinaren legeztatzearen 25. urtemugaren aitzakian, etorri ez zen iraultzaz mintzo dena —“erosotasuna aukeratu du: onartu du bere porrota, ez du mundua aldatu, kito”—, ibili ziren bideak zalantzan jartzen dituena —“Oraindik barruan zagok. Ez zian zigorren murrizketarik onartu. Berak, orduan, bai”—. Eta orain ondo pentsatuta, periodikoetan irakurritakoak izango dira narrazioetako ez gutxi. Baina liburukoak ez dira batere periodistikoak: neskato etorkin baten bizikizunak, desirak, desberdintasunak; amona zaharrak kantatzen ziona ulertzeko gai ez den biloba; aita baten kezkak ama baten absentzian. Guztiak, istorio ustez txikiak. Baina ondo dio “Kotte” ipuineko protagonistak, bizitzaren kasualitateak, kazetari denak: “Argazki txiki baten bidez, argazki handia egin nezakeela”. Kasu honetan ere, argazki txiki askoren bidez, mundu txiki askoren elkarketarekin mundu zabalago bat erakutsiko zaigu, gure mundua deitzen diogun horretatik sobera urrun ez legokeena. Irakurketa batek eramaten zaitu beste irakurketa batera, eta irakurketa horrek eramaten zaitu beste batera, eta azkenerako irakurketa guztiak dira bakarra eta bera. Gure mundu txiki hau osatzera irits daitekeena. 2016-04-24 Oso gauza serioa Jose Enrike Urrutia Capeau, Kadrila alegera festan da Pamiela, 1988 Bainaren belaunaldiaz ari dela, hauxe dio Beñat Sarasolak: “Ez zuten inolako beldurrik edo lotsarik nahi zutena idazteko”. Orain ez bezala, kontsentsu denen aurrean bainak jartzeko prest zeudela, alegia. “Askatasun handia sumatzen dut testu haietan. Nahi dutenaz idazten dute, eta nahi duten tonuan”. Ubera hori hartuta esango nuke dagoela idatzita Kadrila alegera festan da. Delako balazta, miramendu, errespeturik gabea. Guztiz askea. Eta aipatuko dugu, bistan da, egilea. Baina, liburuan bertan ohartarazten zaigun gisan, “ez galda nor den errailea, baina errana har ongi gogoan”. Errana, beraz, zertan den: “Kadrila alegerak egun hautan egin gogoeta zoin burutazio”. Hizkera samurragora ekarriz: broma handi bat. Biltzen direlako Tartas, Gazteluzar, Harizmendi eta abarrekoak, Bertrand de Etxauz apezpikua bera. Kadrila osoa, alegia —edo ia: “Aita Larramendi ez zen izan gonbidatua”—. Eta biltzen direlako orriotan ustez horiek guztiek idatzitako permisioniak, irakhurtzaileari oharrak, ipuin, poema, sermoi, berriketa eta abarrekoak. Denak ere aski falozentrikoak —ez bakarrik irudiak; eder askoak horietarik gehienak—. Batzu-batzuk puskaz androzentrikoak: “Jinkoaren semiak, jujamendu emanen du faborable senarraren alde, emaztiaren kontra”. Emakumea, alegia, ez dela Etxepareren Emazteen fabore hartakoa bezalakoa: “Gizona eta emaztekia gudukan, liskarran, disputan, erreiertan bizi dira, gizona sortuz gero mundu hontan”. Baina, alea bihitik bereizita —“ene izkiributarik azal eta kanpoko den oro, bazter eginik soizu barrenagorat”—, liburua da benetan barre emangarria. Mongongo Dassantza agertzen da, esaterako, “enitxetan ekhartzen duela bere belhar eta onddo hautuenetarik”. Auskalo orriok ere izan diren horien eraginpean idatziak. Ikusirik nor den izkribatzailea (Jusef Urruty-Borde), nor den irudigilea (Enry Kapondes Spondanus), ez da erabat okerra ondorioztatzea liburuaren egilea dela Jose Enrike Urrutia Capeau. Edo egile nagusia, liburuan zehar agertzen baita, marrazkitua behintzat, kadrila bera. Ez zehazki Bainaren belaunaldikoa —nahiz Pott taldearen bueltan ibili zen, adibidez, Capeau—, baina bai akaso garaiaren izpiritua arnasten duena. Liburua 1979an argitaratu omen zen, nahiz hemen darabilgun bertsioa den 1988koa. Idazle partikularra Capeau. Haren idazkera du seinale. “Idazteko zaletasuna hizkuntzatik etorri zait, ez neurri berean literaturatik beretik. ‘Neuk ere nahi dut Borgesek bezala egin…′, ez. Nire kasuan hizkuntza izan da. Han eta hemen ikasitako moldeak nahastea-eta. Jolas hori”. Jolasa, beraz. Broma handi bat, esana dugu. Eta broma handi guztiak bezala, oso gauza serioa. 2016-05-29 Izan gaitezen Ignazio Aiestaran, Munstro abertzalea Elkar, 2003 Munstro abertzalea da, momentuz behintzat, Ignazio Aiestaranen poesia emaitza bakarra. Munstroa. Ez dakigu oraindik naturaren legeez at eraturiko izaki biziduna, edo jarduera intelektual eta ahalmen handiko pertsona. Baina munstroa. Nolakoa? Besterik ez bada, “nik neuk daramadan munstro hori”: nortasun-agiri frankistek eman izena duena, euskara maitale duena, etorkizuna izanik etorkizunik ez duena, kalean eskubiderik aldarrikatu ezin eta kale-borroka guztiak kritikatzera kondenatu dutena. “Denok barruan daramagun munstrokeria hori”. Eta abertzalea. “Abertzalea izan ez arren”. Alegia: “abertzalea naiz,/ Lurreko txoko honetatik/ ilargia/ nola ikusten den/ gustuko izatea/ abertzale izatea bada”. Bestela ere esan daiteke: frantsesen artean espainiarra, espainiarren artean baskoa, baskoen artean nafarra, nafarren artean putobaskoa, etc. Ez bakarrik nolakoa munstroa eta zergatik abertzalea. Galdera gehiago ere badira: Zer da herria? —“Denok ulertzen dugun/ eta inork mugatu ezin duen zerbait”—. Zer naiz ni? —“Orojakileen artean ezjakina,/ bizidunen arteko hildakoa”—. Kristo hemen jaio balitz: Jainkoak esango zukeen ez zela bere semea. Eta galderarik ez denean, da sententzia, zuzen-zuzenean urdailera doana: salatzailea —“hautestontzien demokrazia/ beirazko kutxa bezain hauskorra da”—, ekologista —“orain baskoak garela/ hasiera batean basokoak ginelako”—, herrijasotzailea —“Eraikuntza nazionala: Guggenheim museoa”—, beti gure miseriak agerian uzten dituena —“21 dira/ 1987an Bartzelonako hipermerkatuan/ jarritako bonba batek asasinatuak,/ zu eta ni bezalako 21 lagun hil”—. Poema batzuek, egia da, ideia on batetik —Itoizko urtegiaz ari dela: “Ura dakarrenak/ urrea darama”—, akaso ez dute behar besteko garapenik, edo hitz joko hutsean geratzen dira: “burujabetza lortu ordez/ burugabetza izango dugu”. Baina, oro har, eta urte gutxi batzuk joan diren arren, gaurkotasunik batere galdu ez duen bilduma da. Eta liburua hor geratuko balitz, ez litzateke gutxi. Baina, ez, badu bigarren zati bat, epilogoa: “Irakurketari jarraituz gogoetan”, Joxe Azurmendirena. “Poesiak ez digu puskailetan dagoen etxea birreraikiko. Eramangarriagoa eginen digu, hala ere, gure patua”. Unibertsaltasunaz, diferentziaz, nongotartasunaz, mestizaiaz, gatazka politikoaz, poesiaz —“Poeta bat hori da: behin eta berriro mozorroak erori egiten zaizkion bat”—. Labur, Azurmendi, distirant, bere onenean. Esan daiteke, beraz, bi liburu direla bakarrean. Bukatu aurretik, ordea, Azurmendiren azken gomendioa: “Bere burua norma deklaratua daukan mundu anormal honetan, izan gaitezen, bada, munstro”. 2016-07-03 Familia osoarentzat Roald Dahl, Ixtorio hautatuak (itzulpena: Luis Berrizbeitia) Elkar, 1996 Ehun urte aurten Roald Dahl jaio zela. Ospakizun handien ondotik, ordea, gure txikian: helduentzako bilduma bakarra dugu euskaraz, antologia modu bat, zazpi ipuin eta egilearen idazletzarako bideak azaltzen dituen narrazioa. Egia, ez da asko-asko, baina gutxiago da ezer ez. Haur eta gazteentzat idatzi zituenak besterik dira, famako egin zuten, imajinario kolektiboaren parte ditugu dagoeneko. Aldiz, helduentzat idatzi zuenean ere, presente izan zituen adin txikikoak. Bilduma irekitzen duen “Guardasolaren gizona” izenekoan, esaterako, areago tituluan berean agertarazten dituen “Animaliekin hitz egiten zuen haurra” ipuinean. Iduri luke bizitzara jaiotze horretan zedarritzen direla gerora helduaroan garatuko diren hainbat jaidura, jokamolde, jarrera. Luze gabe, Dahlek ondotxo ezagutu zuen gerrak izan lezakeen hazia; “Beltxarga” kontakizunak erakusten duen “nerabeen ankerkeriarako gaitasun kasik infinituan”, —Edorta Jimenezen hitzak hona ekartzeko—. Narrazio guztiek dute irakurketa arretatsuago bat; “Autostoplaria” deiturikoan hatzginak erakusten digun moduan, zeinak ebasten dion poliziari berari jarri berri dion isuna: “Galtzaileei ez diet sekula ezer kentzen. Eta behartsuei ere ez. Dutenengana baizik ez naiz joaten, hau da, irabazle eta aberatsengana”. Eta nik ez dakit muga zehatz non den, zergatik hauek diren zuzen helduentzako, eta beste haiek haur eta gazteentzako literatura. Esan nahi dut, niri ere iruditu zaizkidala liburu honetakoak, Jose Luis Otamendik 1996 urrun hartan esan bezala, “edozeini —eta denei— gustatzeko moduko literatura”. “Familia osoarentzako modukoa”, alegia. Kontatzen direnengatik —ez dago intereseko zerbait aurkitzen ez diozun testurik—, baina, halaber, kontatzeko erabiltzen duen moduagatik. Zuzena, zehatza, xehetasunez betea— “detaile asko sartu. Horixe da garrantzitsuena gure ofizioan, detaile txipiak”—, eta nola-halako umore ukitu bat duena —“umore finekoa bazara errexago baizik ez da”—. Dena den, eta Dahli inolako meriturik kendu nahi gabe, bat nator Otamendik azpimarratutakoarekin: “Luis Berrizbeitiaren itzulpena iruditzen zait argitalpen honen alderdirik jakingarriena. Gozo, doi eta gertu ematen zaigu berez arrotz zena. Horregatik bakarrik merezi du irakurtzeak”. “Nola egin nintzen idazle” narrazioan, Dahlen biografiako pasarte esanguratsuak ezagut daitezke. Ipuin baterako baino gehiagorako emango luketenak denak. Ez zen sobera aldeko, idazlea: “Benetako gertakarietan oinarritutako kontakizunak idazteak, ez dauka tirarik enetzat”. Fikziozkoak ere ez, gehiago ezin idatziko ditu. Gehiago euskaratzeko aukera geratzen zaigu guri, hartara. 2016-07-31 Anaien artekoa Sebastian Salaberria, Neronek tirako nizkin Hauspoa, 2016 Hizki baten garrantzia: hatxea erantsi dio Auspoa argitaletxeak bilduma berriari, Hauspoa. Hizki baten garrantzia: mutua izan arren, eta batuaren sorrera garaiak horren lekuko, zenbat esaten duen, zenbat gordetzen bere baitan. Baten batek esango du berandu, baina ongi etorria egiteko modukoa da ekimena: Auspoa zaharreko alerik esanguratsuenak berritu, euskara estandarrean jarriko ditu bilduma honek. Estreinakoa, klasiko bat, Neronek tirako nizkin, Sebastian Salaberriarena. Autobiografikoa, haur-gazte denboretako berri eman ondoren, gerrako ibilerak kontatzen dituena. Oker ez badaude, Hegoaldean euskaraz publikatu zen 1936-39ko gerraren aurreneko lekukotza. Emailuak laburtzen digu: anaia “bestek esanda” Bilbora alde egina, abertzaleekin. Sebastian Donostian geratu, gerra berehala bukatu eta libratuko zelakoan. Kukuak oker jo: frankotarrekin frentera. Hain zuzen ere, horixe da narrazioak nabarmentzen duen gatazka: “Beti kezka horrekin ibili nintzen gerra-denbora guztian: ea nire anaia hori nonbait aurkitzen ote nuen hilda, erituta edo prisionero eginda”. Ondo azaltzen du Anjel Lertxundik, edizio batuaren hitzaurrean: “Soldadu berriak ez du bere eginkizunaren zentzu historikorik, bere jardunaren epikotasunik, sentimendu aberkoi berezirik”. Anaien artekoa da gerra, beraz —beti anaien, auskalo non sartzen ziren ahizpa-arrebak—: gerra eremu familiarrera ekarrita, karga politikorik gabe, erabat deskontestualizatuta, errebisionismoak egiten duen irakurketarekin lerratuko litzateke kontakizuna. Ez, egia da, eta eskerrak, bereziki banderizo, ez etsaiak sobera itsututa: “Jeneral agintari hura, gizon ospetsua izan arren, soldaduen mendean baitzegoen. Gauza penagarria benetan!”. Esan dezagun besteren gainetik maite duela ordena. Eta, ordurako euskal nobelagintzak egina zuen arren urratsik modernitatera —Etxaideren saio historikoak, Loidiren nobela beltz ospetsua, Txillardegiren lan existentzialak—, lehena izateagatik pasa dela nabarmen historiaren paperetara. Lertxundik, berriz: liburua irakurri zuen lehen aldian etxeko euskararekin egin zuen topo. Lehen aldiz: “Ez nuen etxeko berorik topatzen ordura arte euskaraz irakurrita neuzkan liburuetan: batzuk garbizaletasunez zipriztinduak, eta beste batzuk, berriz, garo-usainak markatuak, urrutikoak egiten zitzaizkidan edo idealizatuak, lehorrak, kasik arrotzak”. Horixe omen liburuaren bertuterik handiena: “Ahozkotasunaren jarioa ematen jakin izana. Liburua altxor txiki bat da ahozko baliabideak idatzizko testu batean nola txerta litezkeen aztertu, ikasi eta imitatu nahi duenarentzat”. Horrexekin geratuko gara ba. Eta Hauspoaren emaitza berrien zain. 2016-10-02 Behatoki ezin hobea Tere Irastortza, Gabeziaren khantoreak Pamiela, 1995 1984koa den Itxaro Bordaren Emakumeak idazle hartan Teresita zena, Tere da Irastortza jada hemen, Gabeziaren khantoreaken. Esan nahi dut: eskukada bat poesia liburu argitaratuta, 34 urte, aurreko lan ia guztia biltzeko moduan dagoen poeta heldua dugu dagoeneko. Bost poemategi sartzen ditu bakarrean. Ez dira idatzitako poema guztiak. Aldaketa funtsezkorik ere ez dute jasan. Baina: “Ezin eutsi izan diot bilduma honetan zenbait oroitzapen josteko irrikiari”. J.V. Foix poeta katalanaren zita batek irekitzen du bilduma, hamar puxtarri. Eta jarraian lotzen zaio zenbait oroitzapen josteko irriki horri: “Aitor dezadan, lehen hiru liburuotan oso-oso gaztearena topatzen dudala letra”, edota “onartuko al dute kritikariek, halakorik baldin bada gure artean, nire idatz garaiko adiskideentzat dastagarri izan daitekeena”. Hori hitzaurre orokorrean, poema liburuak banan-banan komentatzen hasi aurretik. 1980ko Gabeziak estreinakoaz, zera dio gero: “Zertaz harro bizitzerik izango nuke orduko hitz guztiak idazteko adorerik banu”. 1983ko Gaia eta Gau aldaketak bigarrenari, besteak beste, hauxe gehitzen dio: “Joera nagusia zen euskal literaturan hizkuntza berarentzako atxikimendua, baina eguneroko bizimoduari heltzeko gutizia falta zitzaion. Mikel Arregi, Koldo Izagirre, Arantxa Urretabizkaiak ere arreta berezia zuten horrekiko, baina inork gutxik”. Eskertzen da, 1983ko Hostoak hirugarrenaz ari dela, zintzotasuna: “Gaia eta Gau aldaketak zein Hostoak-en aurreneko liburuko adierazpidetik urruntzen saiatu nintzen. Inondik inora, bilduma honetako testuen artean hauexek dira irakurlea, poema amaitu aurretik, gehien geldiarazten dutenak”. Halako batean, 1986ko Derrotaren fabulak laugarrenarekin, laburrerako joera hasten da azaltzen, poetak ahozko literatura tradizionalari lotzen diona: alegietako moralejak bezain labur nahi zituen, “baina moralismoaren kutsu hori ezabatu eta errealitatearen datatzea eskainiz”. Bosgarrena den 1986ko Osinberdeko khantoreak bildumako poesietan, bestalde, “lehenengo aldiz txertatzen da ironia puntua. Ironia edo umore mindua”. Eta, azkenerako, poemak eurak baino interesgarriago ia, poemen gainean, iragandako denboraren perspektibarekin, egiten den irakurketa ote den. Ez gaizki ulertu, mesedez, poemak ere irakurgarriak dira, baina norbere lanarekiko begirada kritiko hori egin zait kasu honetan deigarrien. “Inork tentazioa izan dezake zaldibiarraren ibilbide poetiko sendo eta oparoaz ahazteko, baina gogoan hartu behar da 1980ko Gabeziak hartatik euskal poesiako erreferenteetako bat dela”. Beñat Sarasolak dio, eta 2011tik. Liburu hau litzateke ibilbide poetiko horren lehen atzera begirako, geraleku, behatoki ezin hobea. 2016-11-06 Frogatu baino frogatuago Karlos Linazasoro, Eldarnioak Erein, 1991 Hogeita bost urte bete ditu Karlos Linazasorok. Ez biologikoak, bistan da, nahiz ederki asko kontserbatzen den: gutxi batzuk gehiago dituela dio, espainiarra dela esateaz gainera, bere nortasun agiriak. Ez du ematen, bete-betean baitago gizona: 2016 honetan bakarrik atera ditu Trilogia hiperlaburra eta Zerua beti beherago dago. Luze gabe, iazkoan kaleratu zuen Literatura hiztegi tekniko laburra, liburu kritikari auskalo ausartegi bati “Linazasororen obra gorena izan daitekeena” atera ziona. Hogeita bost urte literario bete ditu, beraz, Karlos Linazasorok. 1991n argitaratu baitzituen estreinako, ez bat, bi liburuak. 1991ko urrian Udazkeneko karabana erratua, eta aurretik, ekainean, Eldarnioak. Hasieretatik erakutsi zuen, hartara, bere ibilbidea markatu duen ezaugarrietako bat: superprodukzioa. Orain hamar urte, hamabost zeramatzanean, zenbatu bagenizkion hogei liburutik gora, orain hogeita bost daramatzala gainditzen ditu erraz berrogeiak. Matematiketan trakets dabilenarentzat: asko-asko argitaratu duela. Baina beti ez omen zen izan horrela. Hona ekartzeko aukeratu diogun Eldarnioak narrazio liburuan, zera irakur daiteke azal-hegalean: “Barruan zeraman literaturzaletasun lo zorro xamartua, erabat esnatuko zen Tolosako Udal Liburutegiko ardura hartzearekin batera” —bide batez, bibliotekari hiltzaile ez bereziki abil bat du protagonista “Dowstowngo kronika” ipuinak—. Hori bai, hasi bazen, ez gelditzeko egin zuen. Eta hasi zen gerora bere ibilbidea markatu duten elementuak erakusten: ahots askotarikoak, kezka konstanteak, umore korrosiboak. Joxemari Iturralde herrikideak idatzi zuen, estreinakoaren atzeko azalean: “Liburu honek maila berezi bat, goi-maila bat lortzen du, narrazio ezberdinak irakurtzen joan ahala, gero eta gorago ezarriz doana”. Denboraren perspektibarekin erraza da, baina, liburuko ipuinak gero eta aurrerago maila igotzen doazen arren, ados, esango nuke Iturraldek aipatzen duen maila berezi hori, goi-maila hori aurrerago lortzen duela Linazasorok, beste liburu borobilago batzuekin, aspaldi handian ez abandonatzeko gainera. Eta zentzu horretan adosago nago Felipe Juaristi kritikagileak adierazi zuenarekin: “Lehen ipuin bilduma izanik, liburuak ematen duenaz gain, bertan agertutakoen arabera espero izatekoak direnak ere kontutan hartu beharrekoak dira. Testu gozagarri ugari damaizkigu, baina hau inportantea eta euskal literaturan ez-ohizkoa izanik ere, ez da garrantzi gutxiagokoa erakusten duen potentzialidadea”. Denborarekin, eta bibliografia ezin interesgarriago batekin, frogatu baino frogatuagoa geratu den potentzialidadea. 2016-12-11 Libertatia zeinen eder den Itxaro Borda, Urtemuga lehorraren kronika Maiatz, 1989 Nobedade ez diren liburuak iruzkintzeko 2010ean hartu nuen tarte honetan, bazen inon idatzi gabeko lege bat: autorerik ez errepikatzea. Betetzea gero eta zailagoa zaidan lege bat, aipamena merezi dutenak ez baitira agorrezinak, eta hainbeste maite ditut idazle gutxi batzuk. Nire deskarguan esango dut Itxaro Borda apailatzaile gisa ekarri nuela soilik, Emakumeak idazle antologiaren karietara. Injustizia bat konpontzera nator, beraz, Borda behingoz autore gisa ekarrita. Eta etorkizunerako atea uzten dut irekita, behin hemen sartu diren idazleak berriz gonbidatu ahal izateko. Zer liburu aukeratu, ordea, zerrenda luze batetik. Bada, urte askoan, Meettok argitaletxeak 100% Basque atera arte, gaztelaniara itzulitako liburu bakarra, 1989. Allegro ma non troppo, Hiru argitaletxe mitikoan agertu zena, euskarazko narratiba lanak gaztelaniaz ematen zituen Milia Lasturko sail gogoangarrian (inor gutxik jarraitu duen ekimena, Pamiela eta Diario de Noticias egunkariak abiatu zutena salbu, nahi baino oihartzun txikiagoarekin). Literaturaren zubitegian, ez narrazio, ez nobela, kronikaren atalean kokatu dute, ale bakar, izenburuak aitortu bezala, nahiz azken orrialdean “nobela bitxi honetan” aipatzen den. Kronika edo nobela bitxi, narrazio labur, gogoeta, elkarrizketa, elkarrizketaz mozorroturiko bakarrizketak biltzen ditu, umore pindarrez, melodramatiko, gorabeheratsu, brilliant batzuetan, afruskeriaren mugetan besteetan. Borda bere osotasunean. Baina esan dezagun kronika, ados. Zerena, ordea. Bada, 1989. urtearena, iraultza famatuaren urtemuga, berrehungarrena: bero garaia, euririk ez, artoak galbidean, “ETA eta espainol gobernuaren arteko negoziaketak berriz abiatzen ziren”, “feministen mugimendua osoki integratua, eta halatan desbalorizatua dela”, eta “Frantziak, derrigorrezko azimilazioneaz beste aterabiderik ez du proposatzen”. Behar baino gehiago laburtuz, azalduko zaigu 1789az geroz Frantziak nola “aztertu, analisatu, kuadratu, normal-normatu, errevoluzionearen baloreetara plegatu” dituen euskaldunak, “astoaren, irrigin arazlearen, itsuki langilearen, ridikuloki fededunaren” arrastoan sartzeraino. Irakurri bitartean topatuko dituzu hizki dantzariak, koma auskalo non jarriak, supituki agertzen diren gidoitxoak, akats ortografikoak, ahaztutako maiuskulak, desagerturiko letrak. Pixka batean tremendista jarriko da tarteka —“historian ez dago lekurik guretako, non ez den bentzutuen orrialde odolez kolorestatuetan”—, Godwin legea aplikatzeraino —“Zein da gizarte merdiko hau, populu baten aurkako soluzio finala, bakean, onartzen duena?”—. Baina libertatia zeinen eder den, beste behin ere, Bordaren eskuetan aske dabilenean. 2017-01-22 Zer ari zaigu gertatzen? Joxe Azurmendi, Oraingo gazte eroak Enbolike, 1998 Markos Zapiainen Zenbait terrorista (Txalaparta, 2003) lanean aipatzen zen behin baino gehiagotan: Oraingo gazte eroak (Enbolike, Irun, 1998). Ez Espainolak eta euskaldunak, ez Demokratak eta biolentoak, ez Joxe Azurmendiren bibliografian nabarmendu diren gainerako izenburuak. Oraingo gazte eroak, gauza interesgarriak esateko gainera: “Beharbada Kronos ez da Goyak pintatu duen agure zahar terriblea, umeak jaten, eta bai gazte harro bat agure zahar gaixoak jaten?”, 1955-1965 bueltako gazteek gurean ekarri zuten haustura ilustratzeko. Behin galdetu ahal izan nion Zapiaini, Azurmendiren liburuaz baino, Joxan Elosegirekin batera sortu zuten Enbolike desagertu hartaz: “Euskarazko saiakera eta gogoeta sustatzea zuen helburu. Xoxari ordea ez genion merezi adinako garrantzirik eman eta hondoratu ginen”. Emaitza bakar, beraz, Azurmendiren liburua, zeinak Gogoetak ETAren sorrera inguruko kultur giroaz eta gaurkoaz daukan azpititulutzat. Liburua berez hitzaurre bat zen —Nemesio Etxanizen gutunketaren bilduma ireki behar zuena—, “han eta hemen zerbait osatu eta luzatua”. Igartzen zaio hitzaurre zela, ez da erabat garbitu: “Irakurleak laster irakurriko ditu” dio, baina gero ezin irakurri eskutitz trukea. Ez da hil ala bizikoa: testua dugu, bere horretan, irakurlearen jakin-mina asetzeko modukoa. 1955-1965 bueltako garai haren erradiografia zehatz-zehatza delako batez ere —“Batzuetan pentsatzen dut (…) gure arazoa belaunaldi bakarrean lau mende eta hiruzpalau iraultza batera bizi behar izatea dela”—; halaber gurea Europa mailan eztabaidagai zenarekin elkarrizketan jartzen duelako (“Moderniak gure artean erakusten zuen aurpegi —eta arima— erreakzionarioaren aurka izan da, zeren aurka altxatu den gazteria Euskal Herrian ere”); eta hori erreferentziazko autoreak aipatuz egiten delako —“Merleau-Pontyk asko inpresionatu zuen Rikardo Arregi”—. ETAren sorrera inguruko kultur giroaz, orduan, bai, gaurkoaz aldiz ez da hainbeste luzatzen: “60. urteetara ari gara itzultzen berriro, nik uste. Dena da diferentea, eta dena antzekoa. Establishment kontzientzia on osoaren jabe ikaratu batek, berriz ere gazteria ero bat ezin du ulertu”. Gure esku geratzen da, hartara, 1960ko hamarkadakoa zenbateraino den, ez bakarrik XX. mende bukaerakoa, berdin egungo egoeraren antzekoa. Azurmendiren “Zer ari zaigu gertatzen?” galderak, gaur, jarraitzen du izaten erabat pertinentea. Halere, filosofoaren nahikaritik ez ote gauden sobera urrun oraindik: “Guk ez dugu denok berdin pentsatu, berdin ibili nahi. Euskal Herriak artxipelago bat izaten jarrai dezala nahi genuke, mila unibertso txiki diferente, baina edonondik edonora joatea libre —libre itsasoa—, eta irlen artean dialogoa beti bizi-bizi”. 2017-02-26 Eginkizuna eta dinamika Rikardo Arregi, Politikaren atarian Lur, 1969 “Merleau-Pontyk asko inpresionatu zuen Rikardo Arregi”. Horixe irakur daiteke Joxe Azurmendiren Oraingo gazte eroak lanean. Halako zirrara bat eragin zidan. Ez dakit zehatz zergatik, agian oraindik batzuek (Marina Garces filosofoak, esaterako) errebindikatzen duten autore ez bereziki kanoniko bat gure 60ko hamarkada hartan garaikideki irakurtzen zelako. Rikardo Arregi, kazetaritza sariketaz harago, ezagutzeko beharra dator jarraian. Zergatik ez hasi Politikaren atarian, lehen liburu, postumoarekin. “Zientzia politikoaz egiten den euskarazko lehendabizikoa da”, autorearen hitzetan. “Besteak ikasi dutena guk ere ikasi ta gerekasa pentsatzen” hasteko gomita. “Atari bat izateko asmoa du liburu honek”: lehenik politika hitzari buruzko argibideekin; politikologiaz mintzo den bigarren zati batekin; azkenik zenbait filosoforen teoria politikoen laburpenak ekartzeko: Platon-Aristotele, Montesquieu, Hobbes eta beste, guztira zortzi —pena da Merleau-Ponty ez egotea—. Autoreez gauza bitxiak irakur daitezke: “Montesquieu-ri bere liburu guzietan gizon zoriontsu bat bezala azaltzea gustatzen zaio”. Baina, oro har, gaur egunean erreferentziazko diren pentsalariek erabiltzen dituzten ideiak: “Ekonomiak politika baztertu ta bigarren maila batean jartzen du”, adibidez, Michel Onfrayk dio hitzez hitz, Politique du rebelle izenekoan. Lur argitaletxearen sail berri bat abiatu zuen liburuak. Rikardo Arregiren beraren ideia izan zen saila: “100 bat paiako liburuxkak ateratzea, dibulgazio eran, gaurko kulturari buruzkoak”; “ez ditezela izan, mamiaren aldetik, pauso bat atzera gaur eguneko euskal kulturaren egoeran”. Ezein baliabide baztertu gabe helburu horretarako (“Plajiatzearen beraren beldur ez gara izanen”). Liburuak dakarren hitzaurre mamitsu batean bildu ziren ideiok, “Euskal liburu-gintzaren problematika”, zeinari Martin Ugaldek ia garrantzia gehiago eman zion 69ko kritikan, segidan datorren testuari baino. “Ibiltzen ausartu behar dugu, eta behin emandako pausoak ez kanonizatzen”. Rikardo Arregiren lehen irakaspena genuke hori, Joxe Azurmendik Herriaren lekuko, bigarren liburu postumoan dioenaren arabera: “Herria hezi nahi zuen Rikardok, eta hezi ere maisu bezala ez baino solas eta lankide bezala gehiago. Hezi, hots, ez propaganda egin bakarrik. Ezta irakatsi bakarrik ere. Rikardok lanaldi baten hasieran lan egin zuen: eginkizuna eta dinamika utzi dizkigu, eta hortxe dago bizirik Rikardo”. Joseba anaiak ere aitortu zion, ETBko ekinaldi batean: “Gu denon artean azkarrena zen” —eta badu meritua, Joseba bera oso azkarra izan baita, besterik ez bada jakaz aldatzen—. Azurmendirekin, amaitzeko: “Gu haren atzetik gabiltza, baina jadanik hura baino aurrerago”. 2017-04-02 Hilda ere Hasier Etxeberria, Patri maitea... Alberdania, 2003 Jurnalista ustez graziosa berriz ekinean: orduko hartan aski ez (2010-09-26: “irakurketa xalo xamarra, piperrik gabea” omen Mugetan eleberriarena), Hasier Etxeberriaren beste liburu bati heldu dio oraingoan, zer eta omenaldia egiteko edo. Ez dira gutxi utzi dizkigunak, tartean, gustura irakurtzekoak, Damian Arrutirenak. Artikulu bilduma aukeratu, ordea, kritikari arropak beztitu dituen honek, auskalo izokinaren sindromeak jota. Bost urtez, 1999-2003, hamabostean behin, gutun itxurako zutabe bat Gara egunkarian. Edo zutabe itxurako gutun bat. Patri delako bati (“inork ez baitu jakin ahal izango zu nor zaren”). Dena delakoarekin: Etxeberriaren kezkak agertzen dituzte beren luze-zabalean. Zein dira kezka horiek, bada: pentsalari ponposoak, txikion atsegin hartze eza, literaturaren luxua, Frantziaren handitasuna, Iparraldetik etortzen zaizkigun ikasgaiak. Eta, batez ere, aspaldion berritsu dabiltzan gure mutilak (“argazkietan agertzen diren kaputxadunak beti mutilak direla baitirudi”). Ibarretxe planaren garaia da, Korta, Lluch, Pagazaurtundua, Barandalla, Egunkaria-ren itxierarena. Besteren gainetik, ETAren jardunak aztoratzen du zutabegilea: “Ordaindu beharreko prezioa honelakoa izanik, kasik ez baitu merezi ezer lortzeak”. “Gure” posesiboak ematen dio min: “Gureak kezkatzen nau ni, gure jendeak egiten dituenekin dut sufritzen, izan Ertzain edo izan ETAko. Zer egin dugu halako salbatzaileak merezi izateko?”. Azken batean, Etxeberriak barru-barrutik sentitzen duena, ez ote den Segundo Mareyk gordeta zeukan min hura: “Bahitu zuten terroristak bere ezpal berekoak izatea”. Baina mezua da garbia: “Indarkeria oro eten eta abertzaleen batasuna eraiki behingoz”. Hori bai, ezagun dugu: lagun asko galdu ohi ditu zutabegileak, bere lanari zintzoki heltzen dionean. Halaxe dio bildumako azken gutunak: “Patri maite-maitea, besteren batek ere irakurtzen ditu gure arteko gutun hauek eta ez zaizkio batere gustatzen, antza”. Antza, dio, ze katxondoa. ETAren Zutabe batean aipatu zuten Etxeberria, ez loreak jasotzeko gainera. Azala ordurako gogortua zuen, ordea: “Neuk entzunda daukat ETAkoa naizela, troskoa naizela, PNVkoa naizela, anarkista naizela, HBkoa naizela, erosita nagoela”. Eta Gara egunkariko zutabea utzi arren, eskainia zigun irakasbidea: “Ez dagoela aske izateaz besteko biderik”. Mugetan eleberriaren iruzkina irakurrita (“gorabehera urrikoa, zurrunegia, konparazioz betea”), zera erantzun zidan: “Bizi banauk, 20 urte barru helduko zieat hik idatzitakoei, eta bi hitz esango, entzun beharko dituanak (bizi bahaiz)”. Entzun espero ditudanak. Konplituko baita, seguru, Oteizak Etxeberria berari esan ziona: “Hilda ere ez zaituztet utziko bakean”. 2017-05-14 Ikastaldi baten kontaketa Marguerite Duras, Maitalea (itzulpena: Mikel Garmendia) Ibaizabal, 1996 Oso maite duzun idazle batek esaten du benetan idaztea gustatuko litzaiokeen liburu bat dela ixa, eta zer egingo diozu, bada, ez bada ixa liburu hori irakurri berehala, are ixa liburu hori literatura unibertsalaren klasikoetarik bada —eta puntu honetara iritsita, lotsaemangarria ere gerta daiteke literatura unibertsalaren klasiko hori orain artean irakurri ez izana publikoki aitortzea—. Lagun artean gaude, ordea, eta lotsarako tarterik ez da —bide batez, ze gutxi hitz egiten den hedabideetan gero eta gehiago, gero eta hobekiago euskarara itzultzen den literatura unibertsalaz, ezta?—. Nire deskarguan esango dut gainera, pelikula bai, pelikula bere garaian ikusi nuela —interes intelektual hutsagatik, noski—. Ondorioa: a zer aldea, pelikula eta liburuaren artean; liburuaren alde, bistan da. Pelikula zentratzen baita nobelaren aspektu bat eta bakarrean: Vietnamen, 1930eko hamarkadako kolonialismo frantziarraren menpe, neskato zuri nerabe baten eta amorante txinatar helduago eta aberatsago baten arteko amodiozko harremanean, eta harreman horrek askatzen duen erotismoan —ez ahaztu pelikula ikustearen interes intelektual hutsa—. Baiki, eleberriaren gaietako bat da erotismo hori, zehatzago, desioa bera —“desioa da kontua, baieztatze-desioa, liberazio-desioa, bere osoan ezagutu nahi du bizia, porrota barne”—. Baina interes intelektual hutsagatik soilik justifika daiteke pelikula aspektu horretara mugatu izana. Ezen, bestela, eleberria askoz ere aberatsagoa, askoz ere konplexuagoa, askoz eta betegarriagoa baita. Erotismoa, desioa, sexuan hastea, sexuan haste inozo bezain perbertitua. Harreman hori, hamabost urteko neskaren eta merkatari txinatar gaztearen artekoa, berandu gabe debeku sozial eta eskandalu publiko bihurtzen dena. Jendearekiko harremana, orobat, adiskideekiko, nebekiko, batez ere amarekiko harremana: “Nire haurtzaroari buruzko kontakizunetan (…) esango nuke gure amarengana sentitzen genuen maitasunaz aritu naizela, baina ez dakit harengana orobat sentitzen genuen gorrotoaz aritu naizen, edota elkarrengana sentitzen genuen maitasunaz eta gorrotoaz”. Azken finean: “Ikastaldi baten kontaketa dugu, zalantzarik gabe, emakume izaten hasten den emakume batena”. Rosa de Diegoren hitzaurretik, berriz: “Maitalea, 1984an Goncourt saria irabazi zuena, mugarri dugu Marguerite Durasen idazkuntzan, bai izan zuen arrakastagatik, baita bere literatur bilakabidean idazkera autobiografikoaren bidea ere abiatu zelako”. Oso maite duzun idazlearen literaturarekin batere zerikusirik ez duena —eta akaso horregatik gustatuko litzaioke benetan idaztea, ezin idatzi izango duelako sekula—, baina irakurketa-maila bat baino gehiago eskaintzen duelako —ez da dena izango interes intelektual hutsa— irakurtzea merezi duena. 2017-06-18 Orrialderik onenetakoak Jon Alonso, Hodei berdeak Susa, 2003 Jon Alonsoren hitz-lauzko lana —bere adar anitzetan: narrazio, nobela, saiakera, horien arteko nahasketa posible guztiak— balio segurua dela badiot, ez naiz orain arte esan gabeko ezer esaten ari. Besterik da hitz-lauzko lan horren barne hierarkizazioa aldakorra izan daitekeela esatea. Esan nahi dut, bere garaian tarte honetara ekarri banuen Camembert helburu, eta aitortu banuen “aldarrikatu beharreko liburua” dela, gaur ekarri nahiko nuke Hodei berdeak, Jon Alonsoren orrialderik onenetakoak bertan daudelako ustean. Noski, hau ez da konpetizio bat, ez bada, orrialde bikainen artean aukeratu ahal izanik, irakurlearentzako pagotxa sekulakoa. Hodei berdeak, beraz, liburu interesgarria ikuspuntu askotatik, hasteko planteatzen duen jolas metaliterarioarengatik: nobela gisa hasten da kontakizuna —“nobela hori, izan, bada. Edo nobela itxura duen zerbait, behintzat, osorik eta erabat bukaturik ez dagoen arren”—; baina nobela horren gaineko oharrak irakurtzen hasiko gara halako batean —“sasi-nobela horren osagarri litezkeen ohar edo zehaztapen hauek idatzi baititut”—. Azkenerako, ustez lau eskutara idatzitako liburu bat irakurtzen ari garela jabetzeko: “Nire lehengusu Xabierrek idatzi zuen nobela bukatugabearen zirriborroa, baita nik berarekin proiektu honetan ibili nintzen denboran —gehi bere zirriborroa leituta burura etorri zaizkidanak—, idatzi ditudan ohar guztiak ere”. Hodei berdeak, beraz, liburu interesgarria ez bakarrik egituragatik, berdin harrapatzen dituen kontuengatik. Kokatzeko, kronologikoki, “etorri zen Iruñeko Aberri Eguna, Vuelta a España-n jarritako lehergailua, salbuespen-egoera. Etxebarrieta hil zuten”. Eta politikoki, bada, batetik, geopolitika kontuak, hala nola yankiekiko harremana —“Francoren Espainia nola pasatu zen etsai izatetik aliatu estrategiko garrantzitsua izatera”—, eta zehatzago EAJk izan zuena —“sozio erabilgarriak izan ziren garai batez”—; baina interesgarria, batez ere, indarkeriaren gaineko dilemaz ari delako, eta gurean sentsibilitate diferenteek borroka armatuarekiko hartu zuten jarreraz: “EAJk borroka armatuaren justifikaziorik onartzen ez duen honetan, bere jarrera beti ‘baketsua’ izan dela dioen honetan, garrantzizkoa da gogoraraztea ez zela hori bere jarrera 1968-69 urteetan”. Tesi orokorra izanik gurea ez dela zeozer originala, nabarmenduz “gure pieza-izaera, gure txikitasuna, gure nazioartekotasuna”, eta berriz ekarriz ideia higatu baina zentzurik batere galdu ez duena: “Aje edo bestondo izugarria bezalakoa da gurea (…) mozkor historiko baten ondorioa”. Hodei berdeak gaurkoan, beraz, Jon Alonsoren orrialderik onenetakoak bertan daudelako ustean, eta auskalo garai buelta hartako, XXI. mende hasierako euskal literaturako orrialderik onenetakoak. 2017-07-23 Gizarte berrien mailakoak Abelino Barriola, Dramak Euskal Editoreen Elkartea, 1988 1936ko gerra aurreko teatroan, nabarmen, izen bat: Abelino Barriola. Ez bakarra, noski, Toribio Alzaga izan zuen aitzindari, zeinari Barriolak berak aitortu zion maisugoa —“Zugandik etorri zait euzko-antzerti gaietako zaletasuna”—. Baina Barriola, Lino Akesoloren arabera: “Idazle onekin euskal-teatroa bide berria urratzen asiko da. Artean baño goragoko gaiak, gizarte berrien maillakoak”. Aurrerakoia, garaiari egokituagoa, “gizarteko arazo sakontxoak arrotzen ditu”, “Donostiako teatroa joxemaritarren girotik atera eta mundu zabalagora eta aize berrietara eraman naiez ari izan da”. Komedia bazter, Barriolak idatzitako lau dramak biltzen dira liburuan (Zulo madarikatuak, 1911; Lagun txar bat, 1912; Maitasunak, 1923; guztietan gorena, Goi argi, 1935). Oro har emaitzarik onenak lortutako generoa izateaz gainera, “denboran zehar izandako aldaketen erakusgarri zabala osatzen dutelako”. Argi azaltzen ditu hitzaurrean Xabier Mendigurenek: irri antzerkitik dramara, gero eta lan luzeagoak, ideologia nabarmenduz, herritik hirira, pertsonaian gizarte maila gero eta jasoagoa, emakumearen garrantzia eta goraipamena. “Hasierako lanetan Soroagandik datorren usadiozko antzerki molde donostiarrari erabat lotzen bazaio ere, piskanaka antzerkikera berezi eta bere-berea lortuko du”. Zertan da, bada, antzerkikera modu hori? Ez ekintza huts, ez eta hutsal ere, baizik eta hausnar —bakarrizketa gisakoak, barne pentsamenduak—, adibidez fedeaz. Fedegabeko pertsonaiak agertzen dira, mojei “alfer”, “zomorro” deitzen dietenak. Apaiza, gizon eta emakumeen arteko harremanen aldekoa da —“gizonak bere artean eta emakumeak berenean” dituzten bezala—. Suizidio bat azalduko da. Nagusien gehiegikeriez kontziente, klase urguilu amiñi bat. Emakume liberatuak orobat, jazband —jazband!— jotzen duen beltzarekin dantzatu zen emakume andaluziar bat, Biarritzera hiru mutil euskaldunekin joaten den ingeniari aleman baten emaztea. Edota polimaitasuna iradoki dezakeen eztabaida: “Maitasun bakarrak betetzen duen biotza al dezu? Maitasunak! Nik asko ditut”. Ados, horien guztien azpian asmo moralizatzailea dago, ideologiak—abertzale, jelkide— sustrai sakonak ditu testuotan. Baina, zer egin behar ez den erakusteko besterik ez bada, testu zentsuratzaile haiek egiten zuten bezala, zer egin daitekeen erakusten digute. Gizarte berri haietan egiten —hasten— zena. 2017-10-01 Begiak ireki eta Javi Cillero, Ero hiria Alberdania, 2006 Reno, Nevada, Ameriketako Estatu Batuak. Euskaldunon iruditerian hiri seinalatua: euskal kolonia garrantzitsua (zeren urrina duen, auskalo), artzain euskaldunaren omenezko monumentua (ados, ez dut txantxarekin jarraituko), are, Center for Basque Studies, euskara eta euskal ikasketak lantzeko ikerketa zentroa. Zilbor behaketa horretatik kanpora zer ordea? Ilun, ez behintzat Las Vegas bizilagunaren argirik. Galdetuko dizu Ero hiria ipuin bilduma honetako pertsonaia batek: “Zer egin daiteke Renon arratsaldeko bostetatik aurrera?”. Aurrerago erantzuteko beste ipuin batean beste batek: “Renon ez dun ezer gertatzen”. Renon baitaude girotuta hamar ipuin hauetako bat eta bakoitza. Hamarrak irakurrita, ordea, kontxo, ezer ez baino zerbait gertatzen dela esan behar, eta zerbait asko: ez agian zaratots arranditsu artean, baina gehiago lurrazpiko dar-dar apenas atzemangarri eta konstante batean. Emakume eta gizonen (eta are emakume eta emakumeen, eta gizon eta gizonen) arteko harremanak dira nagusi, harreman, nola deitu, batez ere afektiboak —“Flirteatzea da gaur egun geratzen zaigun bide bakarra”—. Jatorri, kondizio, jaidura askotariko emakume eta gizonak, elkar ulertzera edo elkar ez-ulertzera edo gutxienez elkarrekin interaktuatzera kondenatuta daudenak. Mundu guztia biltzen da hartara orriotan, mundu txiki bat, esan dezagun munduaren zabala har lezakeen mikrokosmos bat. Lasai, euskaldunok ere bagaude, zorionez dosi txikietan —“Euskaldunok ez gaituk santujale hutsak” esateko, adibidez; edota aberkide bat “immigraziokoek harrapatu eta etxera bidali ditek”—. Ero hiria, beraz, baina jende erabat normala aterpetzen duena bere baitan, osotoro arrunta, zu eta ni bezalakoa. Taberna ugari (billar-mahai, musika jotzeko oholtza, han-hor-hemen ageri diren hegazti eta piztien gorputz disekatuak), alkohol ugari (azenario-zukua ere bai, tarteka), zinema ugari (“Egungo heziketan hain da sakona Hollywooden eragina”), milurteko berriaren karietara zalantza ugari. Horien artean gertatzen dira hemen gertatu beharrekoak. Eta hasieran egindako galderekin baino, geratuko nintzateke “Renora etorriz gero dena da posible”, “Renon egunak hogeita lau ordu baino gehiago ditu” bezalako baieztapenekin. “Begiak ireki eta gauza asko ikusiko dituk Renon”. Besterik ez bada, Javi Cilleroren eskutik. 2017-11-05 Kalifornia bat guztiontzat Joseba Gabilondo, Kaliforniatik bihotzez Elkar, 1992 Ameriketako Estatu Batuak utzi gabe, Kalifornia. Trumpatzerik ez, 1992an gaude, dei diezaiogun Disneyland-Bushland. Joseba Gabilondo izeneko gazte bizargabe batek, ahoan ere bilo askorik ez duenak, eskutitzak bidaltzen ditu, eta argitaratu egiten dizkiote Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (zehatzago izateko, Zabalik euskarazko gehigarrian): “Norberaren erokeriak edonola bota eta gainera kobratzea —gero konturatu naiz negozioa hain zuzen horretan datzala”. Intelektuala izan nahi zuen (“familia erabat errural-proletario bateko mugatasun kultural guztiak konpentsatu nahiz edo”), politikan aurrerakoia eta engaiatua, eta gainera oso tipo coola, alegia fina-serioa-elegantea. “Jean-Paul Sartre izan nahi zuen gazte hark punk kultural baten aukera hartu du”, ordea. Lau urte eta erdi darama atzerrian (“eta oraingoz ez zait itzultzerik bururatu”), nahikoa “geroko Estatu Batuen sinbolo” den Kaliforniaz aritzeko. Hitzaurrean esaten da: “Gabilondo Kaliforniaz ari zaigunean, Kalifornia azal-azalean besterik ez da ageri (Jainkoari eskerrak!)”. Ez nago ados: Gabilondo Kaliforniaz ari zaigunean, sakon ageri zaigu Kalifornia (nori eskerrak?). “Hemen” hitza zenbat aldiz agertzen den kontatzea baino ez dugu. Gero egia da Kaliforniaz ari denean, ari dela AEBez, eta Euskal Herriaz, eta oro har XX. gizaldi amaieraren garraztasunaz eta frustrazioez. Aitzakia baita Kalifornia: hitz egiteko utopiaz, nostalgiaz, auzo globalaz, biolentziaz, erosle tribuez, gizarte-lotura handirik gabeko bizitza zoriontsuaz, iraultza postindustrialaz, hiperespazioaz, betiko esplotazio kapitalistaz, deserriaz, modaz, erostearen erotikaz, euskaldunen garai unibertsalen bukaeraz; hitz egiteko, indibiduoen ekintzetatik eta egitura sozialetatik abiatu eta, azken batean, sakoneko arrazoiez. “Inbasio kultural amerikar inperialistaren enbaxadore” izanik, baina “bizitza amerikarraren kontraesan eta arazoak ikuspuntu ahalik eta zorrotzenetik azaltzen” saiatuz. Eta erakutsiz badela Kalifornia bat guztiontzat, “Turkia edo Urretxu aldean lekuturik badago ere”. 2017-12-10 Eleberri giristinoa (eta gehiago) Jon Etxaide, Joanak joan Erein, 1986 Jon Etxaide, adinez 36ko gerrarekin zerikusirik izan ez zuen Hegoaldeko lehen idazlea, Mendiguren-Izagirre tandemaren arabera: obra guztizkoa nobela bat izan zuen, Joanak joan, eleberri luze, dotore, mamitsua; bete-beteko nobela, ordura arte euskal nobelak eskas izandako zerbait. 1955ean argitaratu zen lehen aldiz, baina arazoa: 1986ko argitalpena, hirugarrena, da eskuragarri daukaguna. Eta aldaketak izan ziren tartean. Zein, zenbat? Zail da jakiten. Autoreari berari kasu eginez gero, garrantzitsuenak dira ponte-izenen ingurukoak (irakur gibel azalpena). Bigarren izen bat, Pierre Topet, a.k.a. Etxahun, “bera baitugu elaberri honen ardatz, eta bere inguruan dabilzkigu itzuli-mitzulika gainerantzeko pertsonaiak, gurdia martxan jartzeko ardatzaren gurpilak bailiren”. Ez puntulari, bai zirtolari, Etxaideren arabera “ederzale bertsogintzan”. Betiere fikzioaren eremuetan: “Alegia, elaberri honetako pertsonaiak, asmatuak ez direnean, ez direla hezur-haragizko berberak, haien irudiak baizik”. Are: “Istorio horiek zinez al dira historia? Parte haundi bat, oinarrizkoa, izan daiteke, baino beste parte haundi bat ezetz esango nuke”. Asmoa baitzen tesidun nobela bat egitea: “Egiazko erlisioaren sustraia, erroa eta funtsa maitasuna dela adieraztea”. Primeran. Eleberri giristino bat, beraz, liburuaren barne-azalak gaztigatzen digun gisara. Eta gehiago: lan koaderno bat tarteka, work in progress bat. Kolpetik, Haritxabalet jaun apezaren biografiatxo bat aurkituko baitugu. Etxahunen gudaritzaren aitzakian, Napoleonen gorabeherak. Derrepente, esango baitu: “Topetia baserriaz, honela dio Pierre Lhandek”. Eta Zintzarrotsak, Tobera-munstrak, Astolasterrak aipatuta, hasiko baita horiek zer diren luze esplikatzen. Kontziente izateraino: “Sobera saihestu gaituzu gure elaberriaren haritik”. Gehi halako klase kontzientzia bat: “Bizitza zaila eta garratza baita batzurentzat, besterentzat errexa eta goxoa izan dadin”. Gehi halako genero kontzientzia bat: “Ez dezake, bestalde, gizonak emaztea menpera, bizi-laguntzat eduki baino, bere eskubide guztien jabe oparo eginaz”. Eleberri luze, dotore, mamitsua; bete-beteko nobela, ordura arte euskal nobelak eskas izandako zerbait. Oraindik ere eleberri kostunbrista, mundu modernoa konkistatzeke duena, baina, nahi gabe bada ere, eleberri postmodernoaren urrin batzuk askatzen dituena. 2018-01-21 Edizio gaurkotu bat Pierre Topet “Etxahun”, Bertso bilduma Elkar, 1987 Azkena aletu genuen hemen Pierre Topet, a.k.a. Etxahun poetaren bizitza aletzen zuen obra, Joanak joan, Jon Etxaiderena. Ekar dezagun gaurkoan Pierre Topet, a.k.a. Etxahun poetaren obra bera, zeinak era berean balioko digun ulertzeko bere bizitza. Hitzaurrean dio Xipri Arbelbidek: “Kantu horiek izan ez balire, nehork ez zuen Etxahun izan zenik ere jakinen”. Kontziente da Etxahun halaber, aitortzen duenean doala “Ene bizitziaren koblaz ezartera”. Adibidez “Bizitzearen kantorea” izeneko sortan, zeinean berrogeita bederatzi estrofatan haizatzen diren, urtez urte, Etxahunen bizitzaren lehen berrogeita zortzi urteak. Bizitza bat bestalde sufrimenduz betea —“Etxahon’en zorthia izan da aiphatü,/ Mündian gütik dila haboro sofritü”—. Sortzetik beretik —“Aitetamer beininzan haurreti hügüntü”—: bullyinga jasan behar izan zuen, premugoa kendu zioten, ondasunak galdu zituen; maite zuen emakumearekin jarraitzea debekatu zioten, beste emakume batekin ezkontzera behartu zuten, emaztea auzoarekin enbolikatu zen, bastart bat egiteraino. Ondorioz, tratu txarrak, presondegian egonaldiak, judizioak bizi osoan zehar. Eta suizidio saiakeraren bat: “Hüllan ezarri nintzan fi gaixto egitera”. Etxahun, beraz, poeta esan dezagun erromantikoa, ez akaso ikuspuntu teoriko batetik, baina bai ezinbestean praktikan, bizimodu hain makurra eraman zuenez testuetara. Ni indibidualaren goraipamena, nahi bada “Ni”-aren literatura, baina 1850 aurretik, XIX. mendearen lehen erdian. Ez bakarrik: orobat kronika beltza —“Bizia deronak idoki personari/ Beria ere zor diala, orhit hadi”—, kronika horia —“Haurrak aita nur din deikük erranen”-, gai sozialak —esaterako emigrazioa: “Montebidorat dira hanitz abiatzen”—, edota engaiamendu politikoa —botoa eskatzeraino: “Egizie Musde Chahori zien botzen emaitia”—. Piarra Topet Etxahun. 1786-1862 biografiaren osagarri, bertso bilduma honek biltzen ditu ustez zubererazko testu originalak (ez baitira Etxahunek idatzi bezala jasotzen) eta ustez batura egin egokitzapenak (askotan hobeki ulertzen baitira zubereraz omen diren bertsioak), Xipri Arbelbidek atonduak denak, iruditu zait pixka bat aliritzira. Sarean ere badaude Etxahunen testuak bestela. Baina uste dut XXI. mendeko irakurleak merezi duela edizio gaurkotu bat, garaikidea, auskalo kritikoa, Etxahunen bertsoez gozaraziko liokeena. 2018-02-25 Gure-gurea Belen Gopegui, Tiroa kontzertuaren erdian (itzulpena: Ainhoa Caballero) Txalaparta, 2011 Belen Gopegui ez da euskalduna, ez euskal herritarra, nahiz Araba aldean baden abizen bereko herrixka bat (273 biztanle, azken kontaketaren arabera). Hori izan zen aspaldi xamar euskarazko medio batean egin zioten elkarrizketa bateko lehen galde-erantzuna (biztanleen datua nik gehitu dut, interesatuko zaizuelakoan). Ez dakit zaputz izpirik sentitu ote nuen informazioa jakitean, jarraian irakurri nituen galde-erantzunak interesgarri askoak iruditu baitzitzaizkidan, eta ordura arte nekez irakurritakoak. Geroztik, saiatu izan naiz Gopeguiren gauzak harrapatzen, ez bakarrik elkarrizketak, libururen bat ere bai (La conquista del aire dut bereziki gogoan, akaso lehena izan zelako). Hartara, apirileko urik eza bezain eskergarria egin zitzaidan Tiroa kontzertuaren erdian liburuaren argitaratzea, 2011n. Berez hitzaldi bat da, 2006an Kaliforniako unibertsitate batean emandakoa, publikoaren galderak eta horiek jasotako erantzunak biltzen dituena. Azpitituluak argitzen digu edukia: Eleberrietan politikaz aritzeari buruz. Bere laburrean luzea da ematen duen jokoa. Gopeguik dio: “Kontzertuaren erdian pistola-tiroak nola, halako eragina du literatura-eleberrietan politikari buruz aritzeak”. Alegia, “kontzertuan pistola-tiroa entzutearen modukoa izango litzateke sistema berria ezarri nahian dabiltzan norbanakoei buruz idaztea, horiek totalitariotzat, gaixotzat, inozotzat, eta abartzat hartu gabe”. Eta ez dugu testua gehiegi biluziko, baina bai aurreratuko, hitzaurrean esaten den bezala, “literatura eta iraultza binomioaren harreman gatazkatsua” aztertzen duela, “eleberrietan politikaz jarduteko dagoen debeku eta auto-debekuaren jatorria bilatuz eta aurkituz”. Kontxo, behingoagatik, ez bakarrik galderak, erantzunak ere ematen ditu norbaitek, besterik ez bada eztabaidarako. Aparteko aipamena merezi du, hain zuzen, Eider Rodriguezek idatzi hitzaurreak, bere laburrean honek ere jokoa ematen baitu. Gopeguik aletzen dituen ideiak euskal literaturaren eremura ekartzen dira, izen-abizenekin ekarri ere, adibidez, elkar uler dezagun: “Xabier Leteren ‘Heriotza utopi izendatu dutenei′ poema Joseba Sarrionandiaren ‘Literatura eta iraultza′ poema baino apolitikoagoa al da?”. Eta Belen Gopegui ez da euskalduna, ez euskal herritarra, baina, liburu honetan egin bezala, ezin ukatuko diogu gure-gurea ere baden problematika batez hain argiki idatzi izana. 2018-04-01 Irla Chumea Aurelia Arkotxa, Septentrio Alberdania, 2001 Gurean portuari eskainitako obra gorenetako bat izango da segur aski Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill?. Portutik abiatuta, itsasoetan barrena egindako bidaiari lotuko zaio gehiago Aurelia Arkotxa bigarrena duen sorkuntza lanean, Septentrio. Portuan baina jendea, horixe zuen ardatz Izagirrerenak, jendea, halakorik gabe ez baitago portu, ez itsaso, ez amaren seme-alabarik. Bazter utzi gabe giza generoa, garrantzi berezia hartzen dute Arkotxarenean lekuek, geografiak, zapaltzen ditugun itsaso-lurrek. Nagusiki narrazio liburua Septentrio halaber, Aurelia Arkotxaren erudizioa (“abenturosa eta are erratikoa ere”) bilduko luke, Kenneth White poeta eskoziarrak hitzaurrean dioenagatik: “Liburu batez hasi zitzaidan. Hartan bermatuko zen bere erudizio guzia beste mundu batera eramanik, bere barne-izaeraren oldarraren osoki adieraztera”. Emaitza: lau narrazio handi, narrazio txiki ugariz beterikoak (eta poema gutxi batzuk bukaera partean, baten bat pop abesti baterako egoki: “Grand Manan V ferryan/ bi marinel cribaggean/ jostetan ari/ killing time”). Lau narrazio, bilakatzen direnak, adibidez, populu bitxien katalogo, “Pliniok bere Historia Naturalean eta bertze anitz autoreek haren ondotik” egin izan duten moduan. Bilakatzen direnak, adibidez, biderako kontseilu xume, oso zuhurrak denak, esaterako hau: “Hiru eguneko arrotza eta arraina, usain gaitz direla”. Bilakatzen direnak, adibidez, mitologia bat baino gehiagoren ez dugu esango birrintzaile, baina bai kontrapuntu, edo behintzat osagarri. Esaterako euskal baleazaleena: “Eta bazekiten, bidaiant euskaldunek, marinel haiek ez zirela euskal kantu zahar batzuetan aipatzen diren ‘indiano salbaiekin’ eta ‘iskimau gizabestiekin’ beti ontsa portatu”. Edota Quebec tatxarik gabearena, herri indigenen zapaltzaile ere agertzen baita orriotan: “Bakarrik frantsesez mintzatu behar genuela eskolan”. Ondorioa: “Hemen, Quebeceko ‘autoktonoek’ ez dute PQren alde bozkatu”. Esan dugu: lekuek, geografiak, zapaltzen ditugun itsaso-lurrek garrantzi berezia hartzen dute Arkotxarenean. Horien guztien izenek ere, Portutxo, Ophorportu, Irla Chumea, izendegi kurios, gertuko, baina aldi berean exotiko bat osatzeraino, Oskar Alegriaren Emak Bakia baita hartan bezain iradokitzaile. Portutxo, laket portu, irla xume bat, Aurelia Arkotxak bigarrena duen sorkuntza lan hau. 2018-05-13 Tortura xuria Filipe Bidart, Bakartasunaz bi hitz Txalaparta, 2004 Kartzela, ez dakit inoiz utzi dion egoteari, baina hain modako dagoena, kasik urte oso eta askotarako tendentzia baten gisa. Euskarazko literaturari kasu eginez gero, hasieretatik dago, Etxepare bera Biarnoko hartara sartu zutenetik. Sarrionandiaren kasu, ez noski azken, bai segur aski paradigmatikoraino. Eta hor badago tesi edo dena delako bat, euskal literatura eta kartzela lotzen dituena. Kartzelaren makurrena, ordea, bakartasuna. Pasa direnek diote, bakartasuna, isolamendua, nahi gabe ere, izerdi hotza balitz bezala, azalean itsatsi zaigun terminologia. Bakartasun ez bilatua, ez desiratua, fabrikatik bakarzale garenok hainbeste maite duguna. Baizik eta derrigorra, autoritatearen baitakoa. Filipe Bidartek ezagutu zuen, IK talde armatuko kideak, Frantziako kartzeletan. Eta liburutxo batean eman zuen berri, laburtu zituen bakartasunean pasa behar izan zituen bi urtetik gorakoak (“non legez ez den hiru hilabete baino gehiagorentzat atxikitzen ahal”). Bi urte bakartasunean, irakurrita, ez du asko ematen, akaso, hogeita lau orenetatik hogeita hiru zeldan, goiz eta arratsaldez promenada bana —ordu erdiko—, giza tratu bakar funtzionarioen salutazio ez bereziki espansiboak. Tortura xuria, alegia, bestelakoen aldean oharkabea baita. Hitzek ez dute transmititzen, ezin, barruan bakarrik dagoenak zer sentitzen duen. Baina, sinistu, liburua irakurri ahala zuk ere senti dezakezu, atea ixtean, klanka, barruan bakarrik geratzen zarela, ezin aterako zarenaren itolarria, lehen ordu-egunen noraeza. Gero pixkanaka egingo zara, harrabotsetara, denboraren izari berrira, antsiak erabat sekula abandonatuko ez zaituen arren. Ez dakizu zer lasaitua hartzen den, denboragarrenera, irrati ttipi bat erosten ahal duelarik! Bakartasunaren testigantza gordina, beraz, inoiz zuloan sartuko ez gaituzten esperantza dugunok (gauzak nola dauden ikusita, auskalo) bakartasuna, ez bilatua, ez desiratua, baizik eta derrigorra, zertan den ezagutzeko balioko diguna, inoiz zuloan sartzen bagaituzte (epaileak guarda! ), gidaliburu modura ere erabil genezakeena, superbibentzia kit bat bailitzan, baina, besteren gainetik, denik eta egoerarik kontrakoenean ere, erresistentziarako, duintasunerako, umorerako tartea badagoela erakusten diguna. “Gizakia ez da bakarrik bizitzeko sortua”. Fabrikatik bakarzale garenok ere fedea aldatuta bukatuko dugu irakurketa. 2018-06-17 Bidaiari sentimentala Jean Etxepare Bidegorri, Beribilez Euskal Editoreen Elkartea, 1987 Jack Kerouac idazle estatubatuarraren On the road nobela euskaratzen hasi zela, zera egin zuen Iñigo Roque itzultzaileak: “Jean Etxepareren Beribilez-era jo nuen, itsu-itsuan, hizkuntza tresnatzeko, jakinik harengan beti badela zer ikasia, eta ez nintzen tronpatu”. Orain kalean da Errepidean, eta aukera ezin hobea daukagu Etxepareren Beribilez ere irakurtzeko. Supermerkatu bagina, eskaintza: 2×1. Nobedade ez diren liburuak iruzkintzen ditugunez hemen, goazen estreinako edizioa 1931koa duena aletzera. Eskuragarri dagoen 1987ko edizioak Mari Jose Kerejetaren hitzaurre gordin bat dakar, eta horrexegatik biziki interesantea —nahiz gauza batzuekin ez nagoen ados—: “Etchepare medikua ez da Paul Morand bat”, ondo, askoz gauza xumeagoa da, gure literatura literatura frantsesarekin konparatuta gauza xumeagoa den bezala. Erregresio moduko bat detektatzen dio, “hala nola katolikotasun kutsu ageria, bere gaztaroko artikuluren bateko jarreratik urrun xamar geratzen dena, edota bere abertzaletasun nabarmen eta tradizio zaharren gordetzailea”. Eta bukatzen du esaten “bere literatura apustuaren mailarik beherenean” dagoela liburu hau. Tira, ea, poliki. Akort, egia da bere garaian irakurri eta tarte honetan iruzkindu genuen Buruxkak haren aldean Beribilez honek galtzen duela puntxa, baina, positibo beti, kontu jakingarriak ere aurkituko dizkiogu. Egun bakarrean, autoz Kanbo-Kanbo ibili bitartean, 357 kilometro guztira, agertuko zaigu progresoaren aldeko, basoen geroarekiko kezkati, lan komunalaren oroitarazle, Madrilgo turismoaren ohargarri —eta hori Hondarribitik ez zela pasa—. Egia da besteren gainetik jasotzen direla paisaien deskribapenak, esajerazioraino: “Hemengoaren aldean, ikusi duten gutarik biek hitsa dela diote Provence eskualdeko zeru-gaina”. Eta zerk ematen dio paisaiari, bidaiari bizia? Gizajendeak, zalantzarik gabe, gizon-emakumeek. Horretatik eskas du liburuak. Kerejetak Laurence Sterne aipatzen du hitzaurrean, haren A Sentimental Journey through France and Italy liburua. Eta dio bidaiari-ereduen txantxetako sailkapena zirriborratu zuenean, bere buruari honako izen hau ezarri ziola: “Bidaiari sentimentala”. Balio lezake izendapenak Jean Etxeparerentzat, Morand izan gabe, izan gabe Sterne —honek bai, honek hitz egin zuen gizon-emakumeez, batez ere emakumeez—. Baina bidaiari sentimentala. Jakinik, gainera, Etxeparegan beti badela zer ikasia. 2018-07-22 Bi ahotako atseginez Mari Jose Kerejeta, Ezezagun baten kuadernoa Kutxa, 1988 Izena ezaguna nuen, itzultzaile gisa neukan gordeta memoria internoan. Vladimir Kaminer idazle alemanaren Errusiar diskoteka narrazio liburu komikoa euskaratu baitzuen (Pasazaite, 2015) Mari Jose Kerejetak —inpaktuzkoa izan zen, gainetik, aurkezpen bideoa, zeinean agertzen baita lorotxo batekin sorbaldan—. Jean Etxepareren Beribilez hartu arte, eta irakurri arte 1987ko edizioaren sarrera testua, idatzi ere idazten zuenik ez nekien, ordea. Esan nuen ordukoan: Mari Jose Kerejetaren hitzaurrea da gordina, eta horrexegatik biziki interesantea. Etxepareri egindako aitzinsolasak jakin-mina piztu zidan; hala iritsi nintzen momentuz bakarra duen sorkuntza lan honetara, Ezezagun baten kuadernoa, poema bilduma, Irun Hiria literatura sariketa irabazitakoa. Kerejetaren beraren hitzekin esateko, “amorioari buruzko erreflesioa” dukegu, “akaso gurean oso ohizkoa ez den malditismoaren kutsu horrekin. Ez maitasun xamar eta inozoa”. Osotoro akort, nahiz maitasunaz, denboraren iragaiteaz, galeraz egindako hausnarketaz gain, gauza gehiago ere baden liburua. Bada, adibidez, halako carnet de voyage bat, Venezia, akropolia —“urrunean, Pireoa ere beste portu bat da”—, Bosforoko arrasgorri azkengabea. Bada erreferentzia literario sorta bat, Pavese, Celan, Lowry, halako batean Sapho eta Yourcenar. Bada trabestismo ariketa bat: “Neroni izan nintzen gizon hori”. Eta bada alkoholak zipriztindutako bidaldi bat, etilikoa, soluzio emailea tarteka, “Farmakopea” poeman bezala: “Urrun-minarentzat,/ itzulbiderik ez dagoenean,/ ginebra hutsa, hotz-hotza”. “Emakumeek idatziriko liburu gehiegi” ez zegoen garaian argitaratua, Felipe Juaristik aitortu zuen: “Aspaldian euskarazko poemak irakurtzean senditzen ez nuen sentsazioa jabetu da nigan, sentsazio itogarria eta itogarria moduan atseginkoia”. “Dibortzio tramitazioa” poeman esaten den bezala, “bi ahotako atseginez” irakurtzen dela, alegia. Gerardo Markuletak, aldiz, gora ekarri zuen, “poema liburuak berezko balio handia du eta euskal poesiaren bilakaeran giltzarri ttipi jotzeko modukoa da”. Lastima da, hartara, Kerejeta liburu bakarrean geratu izana. Sasoia baluke oraindik, bete-betean sartuko litzateke tropelaren belaunaldian —besterik da halakorik nahiko ote lukeen—, zeina ez dagoen, prezisamente, emakume idazleez gainezka. Bien bitartean, hor dugu Ezezagun baten kuadernoa, gordina, eta horrexegatik biziki interesantea. 2018-09-23 Batailaren baitako paisaia Aingeru Epaltza, Bezperaren bezpera Pamiela, 2007 Gogoan dut garai hartan kolaboratzen nuen gehigarri kulturalari proposatu niola, Bezperaren bezpera iruzkintzea. Ez egiteko emandako arrazoia izan zen denbora, liburua ez zela nobedade-nobedadea —udaberrian iruzkindu nahi izan nuen Durangorako atera zena, gauza ohikoa—. Arrazoia irentsi nuen, noski, nahiz orain liburua irakurtzean asmatu uste dudan zein izan zitekeen egiazko motiboa. Aingeru Epaltzaren lehenbiziko saiakera —gerora ez du gehiago atera—, Xabier Mendiguren editorearen hitzetan liburu guztiak onak idatzi dituen idazlearena. Jon Kortazarrek, “egilearen autobiografia intelektual gisa” onartu beharko genukeela dio, nahiz autobiografia politiko gisa onartzea litzatekeen agian zehatzena. Hori bai, bat nator kritikariaren iritziarekin: maisuki egiten du Epaltzak. Borroka armatua “niretzat eta ni bezalakoentzat euskalduntasunaren markarik behinena” zen garaitik, “ekintza armatuek euskarari eta euskal kulturari ekartzen zizkieten zehar-kalteez” ohartarazteraino, Franco hil ondotik liburua argitaratu arteko tartearen kontakizun politiko zorrotza da Epaltzarena; kontziente dena “aro baten akabantzaren bezperan gaudela. Edo bezperaren bezperan”. Batailaren baitako paisaia erakusten digu Epaltzak, hartara, paisaia maiz desolagarria —“Iduri du Euskal Herri politikoa eraiki nahiaren nahiaz, ez dugula sendotzen jakin Euskal Herri kultural, ekonomiko eta sozialaren zimendua”—, paisaia ez beti erabat zuzena —“Hemengo jainkoak ez dira inor Endarlatsatik harata”; Epaltza bera horren froga garbia—, paisaia batzuetan zuzenean okerra —“Inoiz nafar eskuina Foru Jauregitik eta Iruñeko Herriko Etxetik bidaliko badugu, sozialistekin batera eginen dugu”—. Baina inondik ere zintzoa: “Egun, urrunegi daude politikoki bi erkidegoetako biztanleak. Urruntze horretan zer esana izan duten faktoreen azterketa guztiz pertsonala dira, bertzeak bertze, orrialde hauek”. Bertzeak bertze, ezen, idazle batek idatzitako memoria politikoak izanik, literaturaren gaineko ohar jakingarriak ezin falta: “Salbuespenak salbuespen, gure mataza odoltsuan korapilatutako nobelak euskal idazleok idazten ditugu, ez erdaldunek”. Baina, esandakoa: batez ere batailaren baitako paisaiaren kontaketa aurkituko dugu; zeina bestela ikusten baita, zalantzarik gabe, batailaren ondoko paisaiatik. 2018-10-28 Norberaren portzentajea Uxue Apaolaza, Mea culpa Elkar, 2011 Katalanez argitaratu dutenez, hamahiru urteren buruan berriz irakurri dut Umeek gezurra esaten dutenetik, Uxue Apaolazaren estreinako liburua. Eta hamahiru urteren buruan berriz aurkitu dut periferiko, estrainio, erradikal, kontziente, umoretsu, Iban Zalduak zioen bezala, gaur gurean oraindik indarrean dagoen literatura buenistatik urrun. Denboran gertuagokoa den Mea culpa ere irakurtzeko gogoa sartu zait hartara, bere garaian estreinakoak baino zalantza handiagoa eragin zidan eta. Ordukoan baino gehiago atsegin izan dut protagonista, esan dezagun suabe, ez-ohikoa, horrexegatik erabat maitagarria (“Inbidia ematen dit jendeak bizitzeari ematen dion garrantziak, jartzen duten gogoak zoriontasunari dei egiteko, denbora aprobetxatzeko“). Atsegin izan dut antagonista, hau ere “gizarte zibilizatu baten funtzionamendurako behar den hurkoarekiko eskuzabaltasun minimoa” falta duena, bien artean sortzen den lotura afektibo definitzen gaitza. Baina, besteren gainetik, interesatu zait gatazkaren gaineko hausnarra, bereziki puntu batean fokalizatzen dena. “Miguel Angel Blancoren heriotza ospatzen zuen jendearen artean bizi nintzen eta ez nien ezer esaten”, dio une batean protagonistak, esateko gero: “Jakin nahi nuke pilatu dugun sufrimendu injustu guztiaren artetik nire ardura zein portzentaje den, nire errua”. Bukatzeko aitortzen sententzia bat, auskalo ispilu efektuagatik, barrenak aldrebesten dizkizuna: “Eta ez nintzen ez onena, ez txarrena, baina nire portzentajea da isiltasun konplizearena, biktima errudun egiten duenarena”. Orain zazpi urteko zalantzak hor daude, istorioak pisu egiten du aurrera tarteka, gertaerek salto egiten dute batetik bestera, estiloak usu ez du kontakizuna laguntzen, batzuetan kosta egiten da aurrera egitea. Motzean: gehiago afinatzen duela luzean baino. Baina nobela honi bertute handiagoak ikusi dizkiot orain, edo gain hartu diotela bertuteek zalantzei, irakurketa kontuan hartzeko modukoa izateraino. “Belaunaldi baten hasiera ote?”, galdetzen zuen Gorka Bereziartuak Apaolazaren debutari eginiko kritikan. “Gu klase ertain horren ondorengo erreakzionarioak gara”, irakur daiteke Mea culpan. Belaunaldi bat, kontxo, gure belaunaldia. 2018-12-02 Interesgarri jartzen Ramon Saizarbitoria, Egunero hasten delako Lur, 1969 Ibilbide literario bat ere noizbait hasten delako, hemen aletu ditugu Hasier Etxeberria, Anjel Lertxundi, Aingeru Epaltzaren lehenengo emaitzak —ibilbide literario luzeko hiru idazle aipatzearren—. Ramon Saizarbitoriarenak Egunero hasten delako eleberri laburrean du abiapuntua, 1969an, aurten 50 urte. Eta ospatzen beharko genuke honezkero. Ez bakarrik euskal eleberrigintzaren ordularia garaiko korronte literarioekin sinkronizatu zuelako; gaur egunetik ere —oroi, 50 urte—, irakurketa erabat freskoa eskaintzen digulako orobat. Gaurkotasunik batere ez duela galdu, alegia. Gaiengatik adibidez, abortua, noski, gai zentrala, gainditua irudi luke, baina gogoratu Nafarroako kasua, herenegun normalizatzen hasia. Migrazioa, present hemen, bigarren plano batean nahi bada, baina mende erdi beranduago bizi-bizi dauden ustelak agerraraziz: “Gero eta etorkin gehiago ari gara hartzen eta jendea ez da kontent. Inbasioa omen da”. Eta gaiez aparte, kontatzeko moduagatik adibidez, bi lerro bereizi, bata protagonistari dagokiona: Gisèle Sergier, hogeita bi urte, kirrua, begi urdinak, luzea eta mehea; “beste klase batekoa da”, “beti daki behar dena egiten”. Haurdun geratu eta abortatu arteko borroka ezagutuko diogu. Eta beste lerroa, bakarrizketa, itxuraz neskaren istorioarekin zerikusirik ez duena, baina baduena, sartu-irtenean baitabiltza ideiak, esaterako eleberriaren izpiritua harrapatzen duena: “Nik mila aldiz nahiago dut oraingo gazte hauen errebeldiaren arriskua gure garaikoen antzutasuna baino”. Irakurleak eskuragarri, 2007ko Erein argitaletxearen poltsiko edizioa du, zeinak Saizarbitoriak berak idatzitako hitzaurre argigarria dakarren, nobela atera zen garaiko gure panorama zertan zen erakusten diguna. Eta aldaketa batzuk, idazleak han eta hemen sartu dituenak, baina kontuan izanik, “lehen ere irakurrita lukeen norbaitek oraingo bertsio hau berrirakurtzeko lana hartuko balu, ez litzatekeela konturatuko egin ditudan aldaketez”. Gisèle bezala eleberria, aurrera doa, adoretsu, euskal eleberrigintza, galdutako konfiantza berreskuratu batekin. Biharko bizitzaren aurrean esperantzati, bizitzera. Bizitza egunero hasten delako. Euskal literatura ere noizbat hasten delako interesgarri jartzen. 2019-01-20 Zoriontasuna, literatura eta emakumeak Inma Errea, Literatura eta harrikoa Pamiela, 2003 Brigita ez da Inma Errea, baina bada itzultzaile, emazte eta ama, liburuak zorion iturritzat dituen fikziozko pertsonaia. Orriotan argitu nahi duen afera, literatura eta emakumeen esperientziak lotzen dituzten hari fin eta ia ikusezin horiek zertan dautzan, nolakoak diren, norantz doazen. Saiakera moduko bat egiten hasi da, hortaz, work in progress, zeinak autore jakin batzuen bitartez egiten duen aurrera: Virginia Wolf, Angeles Mastretta, Danielle Steel, are Espainiako telebista kate bateko emakume aurkezle distiratsu plagiatzailea. Eta azierto bat da, esango nuke, batetik, protagonista fikzionatu izana, edo gutxienez tarte pixka bat utzi izana idazlearen eta testuaren artean; hartara, liburuko pasarterik zalantzagarrienak ere —“iruzurra iruditzen baitzaio ama, edo gutxienik, emakume izan gabe, emakume batek ama gisa izan ditzakeen sentimenduak azaldu nahi izatea”— egiantzeko suerta litezke, autorearen aurkako bazka izan beharrean. Eta azierto bat da, bestetik, aurretik literatura eta emakumeen esperientziak lotu izan dituzten testuen gainean ibiltzen dugulako bidea. Total, erakargarri egin zaidala Brigita: zalantza egiten du, kontraesanetan erortzen da, ez dakiela dio; gauza arraroa gaur egunean, eta benetan eskergarria. Kontu zorionez desfasatuak irakurriko dizkiogu —“badaki emakume askok muzin egiten diola informatikari”—, eta argitu, segur aski, ezer argitu badaiteke behintzat, ez du gauza handirik argitzen. Eztabaidagaiak mahaigaineratzen ditu, ordea. Eta ez da gutxi. “Batzuetan asmatzen zuela iruditzen zitzaion, bestetan, berriz, oker zebilela”. Agian gaur egunetik gauza berri handirik ez dakar —nahiz inoiz ez dagoen soberan kontzeptu oinarrizkoenak ere berriz gogoratzea—, baina, zalantzarik ez, 2003koa izanik, aitzindari gisa badu bere balioa. Orain, eta zorionez, pentsamenduaz eta emakumeez ari diren bildumak (Lisipe, Eskafandra) gehixeago ugaritu diren honetan. “Senak zorionaren kontu horrek literaturarekin, baita emakumezkoen literaturarekin ere, zerikusia duela agintzen dio”. Zoriona, literatura eta emakumeak, beraz, iruzkin honen goiburua ere —iragarki matxirulo baten leloa dirudien arren—. Errearen saiakerak harrapatzen dituen gakoak. 2019-02-24 Hemen da paradisua Pablo Sastre, Leuropa Susa, 2002 Europa da kontinente bat, ados, kontzeptu geografiko bat, kultural bat, politiko bat. Baina da batez ere amets bat, utopia bat, paradisu moduko zerbait munduko beste hainbat bazterretatik hona lekualdatu nahi duen migrariarentzat. Tximi ez da zehazki migrari, ama Andoaingoa, aita Marokokoa, hamabi urte arte Frantzian bizitu zen, Donibanen eta Baionan. Eta hala ere “moro bat, pentsatuko zuten, zergatik horren gainian giro petrala zegoen”. Ezagun duelako saiatzen da Europara joan nahi dutenak ohartarazten, ez dela hainbesterako, gutxi duela agindutako lurraldetik. Negozio batean sartuko da Sakirekin, ordea, jendea ekarri behar dute han behetik: “Hi, nahi al duk kamionian nerekin etorri?”. Hain zuzen, kamioi bidaia bat da liburuak harrapatzen duena, atari-ondorengoekin, baina Euskal Herritik Marokora egindako joanaldia, gero buelta giza generoz kargatuta egiteko asmoarekin. Bidaia horretako peripeziak ezagutuko ditugu, beraz, jakingarriak, ez batere aspergarriak, Tximiren ahotik kontatuak denak, ahots oso pertsonal batez, zeinak eusten dion irakurketari narrazioak irauten duen denbora guztian. Eta dena oso modu, hitzaren zentzu onean, noski, pelikuleroan. Irakurlearen aurretiko esperientzia zenbateraino den garrantzitsu, behin eta berriro etorri zait burura orain ez asko ikusitako Oreina filma, Koldo Almandozena, zehatzago Khalil pertsonaia, Sastreren eleberriko protagonistaren anaia biki filmikoa. “Hi berriz, pelikula bat egiteko ere bahaiz”, esango dio uneren batean Sakik Tximiri. Almandozek izango balu sorkuntza lehorteren bat, Leuropa egokitzea ez litzateke aukerarik makurrena. 2002an argitaratua, migrazio berri deitu honen afera apenas gurean agertzen hasi zenean, hainbeste urte beranduago oraindik ere sekulakoa da gordetzen duen gaurkotasuna, gaiak bezala nobelak. Eta gauzak gehiegi aurreratu nahi gabe, baina tesi ezin kitzikagarriago bat uzten digu azkenerako, Sussu pertsonaia erdi ero erdi bisionario baten ahotik: lurra ez dela horren erraz uzten, akaso zerutik joan nahi dutela auskalo nora. “Hemen duk paradisua!”. Irakurri nuen nonbait ziur aski Sastreren lanik onena zela. Hala ez bada, seguru ez dabilela sobera urruti. 2019-03-31 Miranderekin zer egin Jon Mirande, Gauaz parke batean Elkar, 1984 Tarte honetan berean, orain zortzi urte inguru, debate ezdeus bat ebazten saiatu ginen: Martin Ugalde, Gabriel Aresti, nor izan ote zen ipuina literatur genero moderno gisa landu zuen lehen euskal idazlea. Ebazten saiatu baino planteatu egin genuen, lehena nor izan zen ez baita sobera garrantzitsua; bai, ordea, jakitea garai bertsuan kezka bertsuei erantzun bertsuak ematen saiatu zela idazle bat baino gehiago. Hirugarren izen bat falta zitzaion konpetizio absurdu hari, ordea: Jon Mirande. Hori ematen digu aditzera Gauaz parke batean bildumak. Azpitituluan Ipuin izugarriak, eta Patri Urkizuren edizioan, jasotzen dira “han-hemenka sakabanatuta zeuden ipuinak, Herria, Euzko Gogoa, Gernika eta Egan aldizkarietan”; bi sailetan banatuta: itzuliak eta asmatuak, “elkarrekin harremanik baldin badute ere”. Interesgarrien guretzat hemen asmatuak —nahiz, Eduardo Gil Berak esan bezala, “fue un excelente traductor”—, 1951-1963 artean argitaratuak. Bi leit-motiv darabiltzate, Urkizuren arabera: “Bat ia kontu guztietan: Izua. Bestea Irlanderako itzulpenean: Aberria”. Gil Berarentzat, aldiz, “morir y matar”, horiez dihardute ipuin guztiek —“excepto uno que trata de la nostalgia”—. “Ametsa” izenburuko ipuinak, esaterako, zeinean gizon batek bere emaztea akabatzen duen: “Zerendako ez zuen ulertu nahi ez zuela hark gaiztakeriaz joiten, maite zuelakotz baizik?”, irakur daiteke bertan. Eta gauza goitikagarri gehiago. “Idazleak bere nahigabe bat fantasmatzen du”, dio hitzaurreak. Funtsean betiko debatea baitago, Miranderekin zer egin. Kezka ez da gaurkoa, ea inork literatura ona egin dezakeen eta, era berean, eta besteak beste, “antidemócrata y racista” izan. Afera zahar eta arantzatsua, artearen eta moralaren arteko harremanez hitz egitera behartzen gaituena, obraz eta berau sortu duen gizabanakoaz. Mirande idazle handi bat dena, aldiz, zalantzarik ez da, eleberri ahaztezin baten egile, XX. mendeko euskal idazle garrantzisuenetakoa. Joxe Azurmendiren hitzekin esateko: “Hain txairo zen euskal literaturara Europako haize berrien igurtzea dakarkigute bere poema eta ipuinek”. Hartara, haren obraren bindikapena egiten jarraitu beharko genukeela iruditzen zait. Eta batez ere irakurtzen, lehen eskutik ahal dela. 2019-05-12 Eskuinok ere Garbiñe Ubeda, Mila ezker Susa, 2009 Garbiñe Ubedari irakurri dizkiodanak denak egin zaizkit atsegingarriak: Ideia zabaldu tour 95, Negu Gorriak musika taldeak Europan zehar eginiko bira baten kronika (zeinarengandik atera nuen nire banda maiteenaren gaineko artikulu bat idazteko aitzakia); Hobe isilik, aitona noiz desagertu zen, nora, galdu ote zen erabat eta benetan ezagutu nahi duen bilobaren eleberria (zeinaz kritika batean esan nuen urte luzetako esperientziarekin ondua zegoela zirudiela); ahaztu gabe, noski, ugari sinatu dituen kazetari lanak. Mila ezker da atseginez irakurri diodan beste lan bat, azkar esateko, ezkertasunaren hainbat konturi buruzko saiakera. Testu laburrez osatutako saiakera laburra, hunkitzen diena bereziki populazioaren %10-12 diren ezkerrei —“%10-12 horren bi heren gizonezkoei dagozkie, eta beste herena emakumezkoei”—. Denboran atzera gaitz gisa hartua, errebindikazio moduko bat egiten da hemen, edozein milikeriatatik urrun dena dela —“Nahiz eta ezker jenialak, zintzoki esanda, jenio ezkerrak baino askoz ere sarriago aurkitu”—, arteak, kirolak, zientziek kondizio hori nola ispilatu duten erakutsiz. Pertsonaia zerrenda ekarrita gainera: Julian Ajuriagerra sendagilea, Ned Flanders dendaria, Martina Navratilova tenista adibide gisa. Joan Inazio Retegi eta Paul Wittgenstein lotzen ditu, luze gabe, eta gogora ekartzen Esku ezker bakarrarendako kontzertua: “Konposizio musikal liluragarri bat baino gehiago, zailtasunaren aurrean amore ematen ez duenari, ametsak galtzen ez dituenari eskainitako omenaldia bezalakoxea da”. Azken batean ez baita bakarrik ezkertasunari buruzko liburua, ez bakarrik “papera trabeska ipini, ukalondoa gorputzetik urrundu, eskumuturra barrualdera bihurritu eta postura guztiz nabarmenean idazten” dutenei buruzkoa. Nola edo hala asimetriko garen guztiok —“unibertsoa bera da asimetriko. Bizitza bera da asimetriko”— plazer hartuko dugu bertan, irakaspen: “eskuinik ez dago ezkerrik gabe eta ezkerrik ere ez eskuinik gabe”. Mila ezker, beraz, saiakera atsegin eta gomendagarria, azkar esateko, ezkertasunaren hainbat konturi buruzkoa, eskuinok ere gustura asko irakurtzeko modukoa. 2019-06-16 Irakurtzen lehenetakoa Joseba Sarrionandia, Lagun izoztua Elkar, 2001 Han-hemenka irakurri izan diot Bernardo Atxagari Joseba Sarrionandia poeta ona iruditzen zaiola, handia; inon gero jarraian irakurtzeko halaber poemak idaztea erraza dela. Baina poeta ona izatea oso zaila, “eta bera bada”. Sarrionandia. Azkenaldian saiakeragintzan ari da batez ere, emaitza nabarmenekin ari ere, Euskadi Sari polemiko bat tarteko. Nobela bat daukat, ordea, neronek behintzat, haren kutunen arteko. Nobela bat, ia bakarra, ipuin luze gisa hartzen baitu askok narrazio laburra, Kolosala izango da izenekoa. Dena delakoarekin, Lagun izoztua bada. Beñat Sarasolak joan den hamarkadako albiste literario sonatuenetakotzat dauka. Eider Rodriguezek tesi oso bat eskaini zion —zehatzago, itsasoak Sarrionandiaren lanetan duen presentziari; hori bai, Lagun izoztua aztergai nagusi—. Ezin uka liburuak baduela txungurra. Pertsonaiak: Goio, Maribel, Andoni. Lekuak: Antartika, Erdi-Hego Amerika, Kalaportu. Denborak: geroa, oraina, iragan garaia. Denbora kronologikoa desakreditatzen duela esango dizu Markos Zapianek, eta mugimendu dialektikoa. Denbora eta espazioaren inguruko gogoetak aupatuko ditu Iratxe Gutierrezek. Etxetik —dena delakoa dela etxearen kontzeptu hori— urrun denbora daraman honek, ordea, beste kontu bat nabarmendu nahiko luke: Sarrionandia, hain zuzen, erbesteratuaren paradigma, erbesteaz idazten irakurtzea. Hala hasten da liburua: “Ulisesen madarikazioa dun. Hemen bizi gaitun eta hara itzultzea dinagu beti gogoan, baina zenbat eta geroago orduan eta zailagoa dun”. Baikorrago bukatzeko: “Eta zure mentura Ulisesena baino ederragoa izango da, edonora joanda ere, egundo egon ez zaren lekura itzuliko zarelako”. Eta tartean hamaika kontu, irakurleok, denok erbesteratu, nahiz gure jaioterrian —baina bizitza arrotz honengandik—, jakingarri aurkituko ditugunak. Joseba Sarrionandiaren obra gutxi-asko erdaratzen ari den garaiotan (gaztelaniara, luze gabe, baina baita katalanera ere), ez da ulertzen nola nobela hau ez dagoen itzulita oraindik, idazlearen obrara sartzeko ezin egokiagoa izanik, ondo jasotzen baititu haren bideak, haren gaiak, haren kezkak. Eta poeta ona izateaz gainera eleberrigile nabarmena baita. Itzulpen zerrenda horretan hurrena beharko luke honek, eta, originalen artean, irakurtzen lehenetakoa. 2019-07-21 Lehertu gabe oraindik Jon Iriberri, Larrosak, noizean behin Erein, 1990 Gerardo Markuletaren poesia atsegin izanik, eta ez gutxi, kuriositatea neukan jakiteko Jon Iriberrirena nolakoa ote zen —ez bainuen ezagutzen, mea culpa—. Iriberri, Markuletaren pseudonimo, heteronimo edo dena delakoa (eskizonimoa, sortzailearen hitzetan), bi poesia libururen sinatzailea. Lehena, Larrosak, noizean behin, 1990koa —baina 87 eta 89ko sorta saritu pare batean oinarri duena—; bigarrena, Sagarraren hausterrea, 1993koa —berria, beraz, nahiz poema pare bat, hemen aldaketa txiki batzuekin, aurreko liburuan ere agertzen ziren—. Hasieratik hasteko, lehen bilduma abiatzen da denborarekiko kezkatik —“aho zabal eta ilun bat besterik ez dut ikusten”—, laketzen da maite kontuetan —“gezurretan ari ziren poetak/ ala suziria sartu dit maiteñoak”—, begiratzen dio egunerokoari —“Nork du bere lanez/ hitzek baino segurtasun urriagorik?”—, hiriari eta hiritarrari —“euren istorioen/ pertsonaia haizen bezalaxe,/ (…) heure istorioko eserlekuetan/ agertuko zaizkik”—, goia jotzeko azken poema jakingarri batean, “Erretratoa”: “Bai, bizi izan naizela aitor daginat”. Bigarren bildumak ere segitzen dio izpiritu berari, gaietan ez dabil aparte, jarraipen bat igartzen zaio, nahiz forma aldetik laburragoak ere saiatu, are haiku modukoak —“Damu ekaitzerako/ ez aterpe / ez goardasolik”—. 2007an, jada Gerardo Markuletak sinatzen zuen liburu bat, Ezjakintasunak, iruzkintzea egokitu zitzaidan. Aurrekoa halaber buruan —Batak ez du bestea kentzen, 2003koa, nire uste makalean Markuletaren gailurra—, poesia egiteko molde jakin bat seinalatzen nion, ahots bat, zeinak poema biluziak atsegin dituen, zuzenak, ekonomikoak, kontrastez beteak, jolastiak, erritmodunak, ironia finekoak. Horiek guztiak intuitu egiten dira Jon Iriberriren liburuetan, lausoki agian, modu enbrionarioan, lehertu gabe oraindik. Oraindik dira nahasi xamarrak, ilunxeak, kriptikoagoak, iruditu zait batzuetan anekdota pribatuari lotuegiak. Markuletak gero erakutsiko duen argitasun, sinpletasun —ezen ez sinplekeria— hori gabeak. Alegia: Iriberri vs. Markuleta balizko bataila literario horretan, bigarrena ateratzen dela garaile, nabarmen. Zorioneko gaude hortaz, aktibo dagoena —nahiz azkenaldian batez ere itzulpengintzan— Gerardo Markuleta baita. 2019-09-22 Aintzat hartzeko modukoa Mailuix Legorburu, Apoa eta beste Maiatz, 1998 Okertzeko tarte handirik gabe, Maiatz argitaletxearen harrobiko emaitza gisa aurkez genezake Mailuix Legorburu. Liburu formatuan argitaratu dituen lanak oro, lau, egoitza Baionan daukan argitaletxean agertu baitira. Eleberriak dira hiru, Zozoaren kanta (1993), Ahizpa, non zira? (2009), Maitatua izandu banintz (2013). Ipuin liburu momentuz bakarra, Apoa eta beste (1998). Hain justu, ondorengo lerrotan aletuko duguna, sorpresa pizar batekin aletu ere. Sorpresa, estreinako nobela irakurria bainion, eta ez baininduen askorik konbentzitu. Ez behintzat Juan Luis Zabalaren hau sinatzeko beste: “Estreinaldi bikaina, beraz, egile berri eta gazte honena, aintzat hartzeko modukoa zinez”. Esaldi horren bigarren parteari kasu eginez, ordea, ekin diot, zuhurtziaz beti ere, ipuin bildumaren irakurketari. Eta, homogeneoa baino beste ezer den arren —ez da, adibidez, alegiak biltzen dituen liburu bat—, tarte honetan berean aipatu genuen Miguel Torgaren piztia gordin, goxo, anker, hunkigarri saldo hura ekarri dit gogora tarteka, hezur-haragizko gizon-emakumeak gehiegi gogorarazten dizkiguten “Apoa”, “Zakurra” edo “Trikua”, zeinean “haur ttiki bat eta triku zahar bat ari ziren kalakan”, esan dezagun filosofikoki: “Denetan asegurantzia holako gauza ederra ote da?”. Baina, aipatu dugu, bada gehiago. Ipuin kafkiarrak —“Bertzea izan”: “Egun batean bere nortasuna kurutzatuz, ez zuen ezagutu”—, suspensedunak —“Iheska”: “Armario haundiaren gibelean gordea han egoki zen emaztea”—, txantxa gisakoak —“Ardiak”, nahiz karga sozialarekin: “Hezurretaraino sartua zuten administrazio, gobernamendu, justizia eta bertze holakoetan ez fidatzea”—, eta abarrekoak. Agian besteak baino nabarmengarriagoak bi: familia sortu eta emakume baten bakardadea islatzen duena bata —“Bakartasuna”: “Denborarekin, lehenago aitz hurbil ikusten genuena urrundu da”—, emakume heldu baten maitasun berri bat harrapatzen duena bestea —“Maite banauzu”: “Neska gazte bat bezain hunkitua naiz, nere emazte esperientzia guzia ahantzia dut”—. Nobelak, beraz, ez ninduen konbentzitu, eta sorpresa atsegina hartu dut bilduma hau irakurrita. Aintzat hartzeko modukoa zen, hartara, noski, Mailuix Legorbururen literatura. Ipuin sorta honengatik, besterik ez bada. 2019-10-27 Egiazkoak zein apokrifoak Jurgi Kintana, Urre urdinaren lurrina Pamiela, 2009 Literatura ikerlari, ikastun, eskukatzaile guztien ametsa da seguru, auskalo hezea, idazle ezezagun baten aurkikuntza egitea, gutxienez idazle ezagunen baten obra ezezagunen batena, munduari deskubrimendu hori eskaintzea, mundu berri batena bailitzan. Euskaraz idatzi zuen Flaubert bat, Zola bat, Galdos bat aurkitzeak, literatura historiografiaren Olinpora sartuko luke zuzenean eta hotsandiz ikerlari, ikastun, eskukatzaile hori. Zeregin gaitza, hain zuzen, Jurgi Kintanak bere buruari ezarri diona Urre urdinaren lilura liburuan. Euskal idazle galduaren bila (1810-1940) azpitituluan, poesiaren aukera posibleago eta sinesgarriagoari jarraikiko zaio bilatzailea: “Ez ote zen egon oharkabean geratu zaigun euskal poeta nabarmenik?”. Bilaketa bat da, beraz, hemen proposatzen zaiguna, bidaia bat, eta bilaketa-bidaia guztietan gertatzen den bezala, askoz ere interesgarriagoa da helmuga baino bidea bera. Garaietan, obretan, hautagaietan barrena proposatutako hau da kitzikagarria, nahi baino epidermikoagoa, horregatik ere inspiratzailea. Helmuga, alegia aurkikuntzaren bat, edo bat baino gehiago, erdiesten duen jakiteko, liburua irakurtzea izango da onena. Baina onar bekit spoilerra: “Bilatutakoa ertzeko pertsonengan azaldu zaigu”, aitortuko zaigu bukaera partean. Gauza jakina baita ertzak beti zentroa baino puskaz interesgarriagoak direla: “Joan-etorrian zebiltzanengan, euskal-erdal ertzean, arrotz gerturatuetan eta bertoko arroztuen artean”. Eta jakina den beste gauza bat, baina ez dena alferrikakoa behin eta berriz gogoraraztea: “Kultur testuinguruaren garapenak biderkatzen du autore jenialak agertzeko probabilitatea”. Izan ez ginen literatur historia loriatsua nekez osa dezakegu orain, diosku Kintanak, ez bada “euskal obra apokrifoen bidetik”. Ez luke balioko gure literatur tradizioa sendoago bihurtzeko, agian, baina zer ondo pasako genukeen bitartean. Literatura jolaserako ere bada, beharrezkoak iruditzen zaizkit Kintanarena bezalako ariketak, establishmenta apur bat zirikatzen dutenak. Horren froga garbia, kritiken hemerotekak liburuaz bildu kritika gehienek —literatura ikerlari, ikastun, eskukatzaileenak, behintzat— liburua epel xamar utzi izana. Espero dezagun guk ere, hartara, “halako aurkikuntzak ez direla faltako (egiazkoak zein apokrifoak)”. 2019-12-01 Hausnartzeko gonbidapena Askoren artean, Euskal Herria 2050 Gatuzain, 2003 Urtea bukatzen delarik ohikoak izaten dira atzera begirako, balantze, zerrendak. Zer esanik ez bukatu den urteak hamarkada aldaketa badakar. Gutxiago izaten dira urte berria hastearekin batera aurrera begirako, iragarpen, proiekzioak. Baina literaturak badu hor bide bat, etorkizuna irudikatzekoa, sarri distopia forman egiten dena, hau da, fikziozko etorkizun aski oker baten errepresentazioan. Ez dira asko halako literatur emaitzak gurean, eta akaso horregatik da ohargarri Euskal Herria 2050 liburu kolektiboa. 2003an argitaratua, gisako bildumek izan ohi duten nahas-mahasa da emaitza, bai egileei dagokionez —ezagunak zein ezezagunak biltzen ditu—, bai testuei dagokionez —gehienak dira ipuin, baina bada poema, are komikirik—, bai, zer esanik ez, liburuko testuen interesari dagokionez. Egile batzuk osoki lotzen zaizkio argitaldariak jarririko erronkari: “Gai honen inguruan zure ikusmoldea eta projekzioak libreki lantzea eskatuko genizuke”. Beste batzuk gehiago azken esaldi honi: “Edo zuk nahi duzun beste edozer” —Gotzon Garateren ipuinak zer du gure etorkizuna irudikatzetik?—. Gaiari gehien lotzen zaizkionak dira interesgarrien, akaso irakurlearen espektatibengatik. Itxaro Bordarena ez da biribila, baina kurioski agertzen digu giza alienazioa ardatz duen etorkizun negatibo bat. Biribilagoa da Iban Zalduarena, biribilena —ipuin honegatik bakarrik merezi du bildumak—, migrazio desberdinak hizpide. Eneko Bidegain eta Maritxu Lopeperenek, ustez 2050ean kokatuta egonagatik, antz handiegia dute dagoeneko intuitzen dugun munduarekin. Baina, urtea aldatu dugun honetan, hamarkada, batek bakarrik aipatzen du abiatu berri duguna, XXI. mendeko 20ko hamarraldia. Luzien Etxezaharretak, ez oso baikor noski: “2020 urte horietan ikaragarriko izurriteek jo zituzten munduko bazter batzu”. Eta ez osasun arloan bakarrik: “Euskal Herrian gertatu zen talde armatu batzu sortu zirela (…) Madrile eta Parise erasotuak izan ziren arma kimikoen bidez (…) Gipuzkoa osoaren deportatzea izan zen kapitulu lazgarrienetarik”. Ipuin distopikoa hau ere —hori desio, behintzat—, eta horrexegatik gure orainaz ere hausnartzeko gonbidapena. 2020-01-19 Fiskaltza ala arrantza Markos Zapiain, Errua eta maitasuna Elkar, 2002 Badira genero batzuk liburugintzan, oro har, baina partikularki gurean, gutxitu, txikitu, menostuak. Poesiaren bazterketa garaikidetik has gintezke, teatroaren oilotokirako kondenaraino. Iraganik memoriaren literatura esaten zaien oroitzapen, karnet, egunkari eta abarrekoetatik. Bai eta, zergatik ez, bildumak, adibidez prentsan atera izan diren testu, adibidez liburu iruzkinekin. Generoak nahastera jarrita, dietario literario modura irakur daitezke batzuk, autore baten irakurketa zerrenda komentatu gisa, are autore horrek deitura Zapiain badu, eta Markos izena. “Kritiko enpatikoa”, Xabier Mendiguren hitzaurregilearen hitzetan, liburuarekin erotu arte bat egiten baitu, “liburuaren gakoa atzeman eta nabaritzekotan”. Errua eta maitasuna titulupean, 2000. urtearen bueltan Zapiainek hainbat agerkaritan atera zituen kritikak biltzen dira. Kritika, iruzkin, erreseina, deitu nahi bezala, ze, Mendigurenen hitzak berriz, Zapiainek “prentsako erreseinen funtzio duin baina txepela gainditu egiten du, eta literaturaren larreetara hegaldatu”. Hemen primerako jeneroa aurkituko duzu. Filosofiatik gertu maiz, fikzioaren ingurumarietan ez gutxitan, are tarteka prentsa arrosarekin limurkeriatan. Liburu bat eta bakoitzaren gaineko iruzkin guztiek jarriko zaituzte martxan. Bainaren bat seinalatzearren, emakumezko idazle gutxi, Agirre, Highsmith, Woolf bi aldiz, erreferentziaren bat: “Muguruzatarrak gero eta nabarmenago dira geure kulturako Brönte ahizpak”. Beste garai batzuk ziren, egia da, aro aurre-feministan kokatu behar gara. Ezer ez inor mespretxatu gabe, baina bat nator: “Zapiainentzat literatura ezagutza-bide gorenetako bat da”. Gauza litzateke, hartara, literaturaren gainean nola jardun. Azken kapitulu xume batean, kritika literarioaren poetika moduko bat aurkezten zaigu, ados egon zein ez, jakingarri suerta dakigukeena: “Liburuez aritzeko orduan, batzuek epaitzea lehenesten dute; beste batzuek, ostera, ateratzea, atzematea”. Fiskaltza ala arrantza, beraz. Ahul samar dabil gure kritika —2002an esan zuen jada Jon Benitok—. Halako liburuek, generoagatik, autoreagatik, testuengatik, itzultzen dizute, tarte batez bada ere, galdutako fedea. 2020-02-23 Garaiaz kanpoko garaikidea Angel Erro, Eta harkadian ni Elkar, 2002 Poesiaren, agian ez oraindik heriotza, baina zalantzarik gabe garrantzi galera nabarmen agerikoa prozesu atzeraezina ote den, geure begiekin ari gara ikusten. Biografia sentimentalean, zer bozkarioarekin jaso genituen Anemometroa, Aingurak erreketan, Norbait dabil sute-eskaileran, zer epeltasun injustuarekin jaso ditugun azkenaldiko aleak. Maitale genuenez, esan beharko genuke: ez zara zu, ni naiz —baina zu ere izango zara pixka batean, seguru—. Lehen gauzak ziren bestela. “Iaz bi poema liburu jendarteratu omen ziren”, diosku Angel Errok, 2002tik. Bat gogoratzen dut nik, segur aski ereinotzeztuagoa; baina ezin ibiliko naiz gaizki erraten, maite izan bainituen, mende aldaketaren buelta horretan, “Dostoievskiren Kirmen y Castillo” haiek. Maite izan nuen hirugarren hanka bat ere, Errorena hain zuzen, Eta harkadian ni freskagarri, klasiko garaikide harekin. Justuki, C.S. Auluariori aitortzen dio etorkia: “Zure manuz, Auluario, buru-eskuetara/ dut hitz neurtuaren grina”. Gerardo Markuletaren Batak ez du bestea kentzen bildumako pieza batzuen aurrekaritza igarri diot nik gerora. Mende aldaketaren bueltan, oso bestelakoa baitzen Erro: alde batetik Casta, beste alde batetik Vulcano, puntu bateraino Anacronio ere, balirudike zuzenean Erromatik etorritakoa. Nagusiki bildu zituen epigramak —“asmo satirikoz osaturiko poematxoa, zirto edo zirikada batez bururatzen zena”, Literatura Terminoen Hiztegia—, CI hain zuzen, eta III egloga —“artzainen arteko elkarrizketez eratzen dira eta maitasun gaiei eta landako bizitzari buruz jardun ohi dute”, LTH berriz—. Bildu zituen “poema latindarrak”, beraz, “vasconum hizkuntza barbaroz” —“Garaiaz kanpoko epigramista xume hutsa naiz (…) poeta serioa izatera nola heldu apenas dakiena”—. Oso bestelakoa zen Erro, agian horregatik atxiki du denboraren joana hain ondo. Eta, tira, iritsi da beraz, hauxe zen posteritatea. “Helduko da egun bat/ non denek miretsiko duten/ orain mespretxatzen/ —eta are enoratzen— duten/ zure lana, hitz larriz/ Zure Lana, eta damutuko/ beranduegi ezagutzeagatik”. Urte asko poesia bildumarik publikatu gabe, noren eskutik baino Errorenetik berreskuratu poesiarekiko grina, nostalgia ariketa gisa bada ere. 2020-03-26 Ama bakarrik ez Arantxa Iturbe, Ai ama! Alberdania, 1999 Euri asko egin du, aldaketa klimatikoa gorabehera, Zergatik panpox aitzindari hartatik (Arantxa Urretabizkaia, 1979) Amek ez dute goratu honetara (Katixa Agirre, 2018). 40 urte. Baina amatasunarena da gai bat zeharkatu duena alderik alde euskarazko literatura garaikidea. Eta ez dena agortu, inondik inora, ez modaz pasa; Agirreren azken eleberriaren arrakasta, bertako nahiz kanpokoa, horren adibide. Nago, gainera, literaturak amatasunaren errepresentazio gertukoago, konplexuago, askotarikoago bat islatu duen neurrian, interesa ere ulergarriki areagotu egin dela. Arantxa Iturberen liburu bat, ez kritikak destakatuena, kokatuko nuke bide horretan mugarri, Ai, ama! saiakera, bere laburrean mamitsu, inspiragarri, gogo irekitzailea baita. Noski, ez du eskaintzen amatasunaren irudikapen ohikoa —“Nik ez dut eguneko hogeita lau ordutan ama izan nahi”—, ez lañoa —“Amaren zorion osoaren zati bat baino ez du asetzen umearen zorionak”—, ez onbera —“Umea ez da niretzat bizitzeko arrazoia, ni naiz bera bizitzearen arrazoia, eta horren ardura nirea da”—. Hitz egiten du beldurrez, zalantzez, minez, erruduntasunez. Ez du amatasuna gurtzen, goresten, idealizatzen —“Aukera bat delako hau ere, beste askoren artean”—. Hausten du, errotik, erraietatik, emakume-ama binomioa: “Ama den emakumea, ama beste ezer ez izatera mugatzen duelako”. Eta uzten du, azkenerako, aztarna askatzaile bat: “Ez dugu denok berdin ulertzen amatasuna. Ez eta bizi ere”. Batzuetan iruditu zait arima biki bat —“gorroto ditut munduko parke guztiak”, “txiki-txikitan ez dira politak”—. Baina bikiago izango ditu seguru Marie Darrieussecq —“Lehen bi hilabeteetan erdizka baino ez naiz izan munduan, esaten zidatena erdizka baino ulertzen ez nuela, jendea erdizka ikusiz, liburuak gaizki irakurriz”— edota Annie Ernaux —“Bi urtetan, bizitzaren lorean, nire bizitzako askatasun guztia haurtxoak arratsaldean egiten duen lo kuluxkaren suspentsera mugatu da”—. “Ama bakarrik ez naizela aldarrikatzeko beharrak bultzatu nau aurreko guztia idaztera”, dio halako batean Iturbek. Ama eta idazle, gutxienez, biak dira eskergarri hemen. 2020-05-10 Duin harro solemne Koldo Izagirre, Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri Susa, 1998 Koldo Izagirreren literatura lotu izan da portuarekin (+1, haren bibliografia begiratzea besterik ez dago), politikarekin (0, literatura guztia ez al da politikoa, are politikotik ezer ez duela ematen duena ere? ), zailtasunarekin (-1, errazkerian ez ote den erortzen gaur egungo literaturaren zati handi bat). Beste lotura posible bat litzateke pertsonaiena, gogoangarriak sortu baititu ez gutxi: Metxa esaten dioten agirretarragandik, Lorea Gernika andrazkoaganaino. Germinal! honetara Michele Angiolillo ekarri zigun, 1897an Arrasaten Espainiako lehen ministroa hil zuen anarkista italiarra (“Hil da Canovas, fuera Canovas, pikaro gaizki heziya”). Ez bakarrik, egileak asmatutako narratzaile garaikideago bat ere bildu baitzen orriotara, zeina nahasten den maiz anarkista italiarraren ahotsarekin (“Zatoz nire ondora, Lilio, egizu berba nire ordez”). Ez bakarrik, narratzaileak asmatutako Cienfuegos libertario euskalduna ere hemendik ibiliko baita, eta Txabi Etxebarrieta, Olasoneko jauna, katalanak, Bartzelonan, Liverpoolgo kaietan, Bergaran, noski, Bergaran. Hasier Etxeberriak pertsonaiez galdetu zion bost magnifikoen lan hartan: “Korrontearen kontrakoak, nolabait”. Kausa galduen zale deskribatuko lituzke Jean Claudek, gure historia hurbila markatu duten kausen: “Zer nahi duzu, bada? Nik 15 urte nituen 1968an. Txabi Etxebarrieta hilik, Sarasketari heriotza zigorra, bi urte geroago Burgosko epaiketa”, erantzungo du Izagirrek. Liburuak bete-betean egiten baitio erreferentzia gure historiaren nolabaiteko jarraikortasun kontraesankorrari, alegia, euskal gatazka deitu izan dena ez zela 58an, nahi bada 68an, ez zutela “gazte ero” batzuek abiarazi, baizik eta segida gisa uler daitekeela, auskalo Lehenengo Karlistalditik. Eta anarkismoa sartzen du liburuak lerro horretan: “Halan begitantzen dut orain nire epaiketa hura, zure ekintza ere neure gain hartu izan banu moduan”, esango dio narratzaileak Liliori. Angiolillo hiltzen da garrotean, baina duin harro solemne. Halakoxea da eleberri hau ere —Izagirrek ohiko dituen marro, jolas, parrimurriak ahaztu gabe—, “kondena txiki bat mereziko duen liburu hau”. Kondena hori izan dadila urte luzetako irakurketa. 2020-06-14 Bizitza, nola erabili Iñigo Aranbarri, Hizlandia Susa, 2006 Iltzatuta daukat oraindik: “Une honetan errazago idatz dezaket nobela bat poema bat baino”. 2011n eman zuen Iñigo Aranbarrik sententzia, eta emaitzek itzuli diote arrazoia, ordutik hona narraziogintzara lerratu baita argiki, lirika momentuz bazter utzita. Poeta gisa hasi, nobela-ipuingile azkenaldian, beste genero bateko liburu bat izango diot nik maiteen, behintzat maizen irakurri diodan lana: Hizlandia, 2004-2006 urteetan Berria-n idatzitako artikuluen antologia. “Egunkariaren eguneroko martxa jarraituko zuen norbait nahi zuten, irakurle publiko eta kritikoa”. Kazetaritzaren herrenak seinalatzea zuen, beraz, zeregin, idatziarenak, irrati-telebistenak. Kanpokoak eta barrukoagoak, barrukoenak. Ofizioaren gainekoak denak. Batzuetan irudi lezake txikikeriak seinalatzen direla, beste batzuetan gehiegikeriak esaten, baina ezin ezinbestekoagoak iruditzen zaizkit liburu honetara bildutako artikulu kasik guztiak, profano eta profesionalentzat ofizioari buruzko master class bat. Hitzaurrean esaten da: “Kazetaritza arduratsuaren bindikapena izan da borrokaldi bakoitza”. Baina, azkenerako, hori baino askoz gehiago ez ote den: “Prentsaz ez ezik munduaz eta mundutarrez dudan iritzia” ematen du Aranbarrik. Kazetaritzatik puskaz harago doazen iritziak, tarteka birrintzaileak —“Hirugarren Mundukoak maite ditugu gure olatuei kolorea emateko”—, beti jakingarriak —“Moussaouik gehiago laguntzen du herri hau ulertzen Mattin Partarrieu-ren koadro kitsch guztiek baino”—. Eta guztien atzean dago idazle bat, nabari da karamelu zaiola ariketa: “Idazle bati egunkari batek eskain diezaiokeen lanik onena”. Azken-azkenerako, harako Perec haren La vie, mode d’emploi etortzen zaizu gogora, eskuliburu baita Hizlandia, behin eta berriz kontsultatzekoa, bizitza nola erabili behar den argitzeko ezinbestekoa. Liburu honekin konfirmatu ditut hiru gauza. Baga, prentsako zutabe, artikulu, kronikak, berriz liburuan biltzeak baduela zentzu, interesik. Biga, Susako, zutabe ez izan arren, saiakera atalaren balioa —hemen iruzkindu ditugu Jon Alonso, Garbiñe Ubedarenak—. Eta higa, noski, Aranbarriren ekarri handia, zeina ez den berria. Hiru batean; halako eskaintzarik. 2020-07-19 Hauxe zen posteritatea “Aritz Galarraga da batzuok espero dezakegun posteritate ia bakarra” Angel Erro Ohituta nengoen nobedadeen iruzkinak egitera. Gara egunkariko gazteen gehigarrian lehenik, egunkari bereko kultura gehigarrian, urtebete beranduago, 2005etik. Erritmo handia, presio azkarra, sosa guti, estuak ziren iruzkingilearen baldintzak. Garai batez, astean liburu bat iruzkintzera iritsi nintzen. Eta ez nau harritzen prentsako literatur kritikan oraindik ere jende gaztea ari dela ikusteak. Ea nork agoantatzen dituen baldintza horiek. 2009an utzi nion urgentziazko kritika egiteari, erreta edo. Horrexegatik, apirileko euri eza bezain eskergarria egin zitzaidan Argia-ko adiskideen eskaintza. Bazegoen tarte bat, Gorka Bereziartuak 2008an abiatua, nobedade ez ziren liburuak iruzkintzeko. Ohar bakarra: merkatura atera berriak ez ziren lanak komentatzea. Halaxe hasi nintzen zeregin horretan 2010eko irailean, aurretik ere bestelako lanekin kolaboratzen nuen argikarian. Eta askatu nintzen, presa, presioa, tirania batzuetatik. Hamar urteotan askatasuna izan da erabatekoa. Halere, ez da aliritzira egindako ariketa bat izan. Ia ehun liburu guztira, eta ez dakit kanpotik igarri den, baina oreka joko bat egon da iruzkindutako liburuen artean. Iruzkingilea ezabatu nahi gabe, indar bat egin da euskarazko literaturaren idazle, genero, argitaletxe, garai eta abarrekoen arteko oreka bat lortzen, hain zuzen literatura horren ikuspegi ahalik eta zabalena emateko. Esan nahi dut, ez naizela zentratu Lehen Mundu Gerrari buruzko liburuetan, adibidez. Besterik da lortu ote dudan. Euskal literaturari kritika arkeologikoa egiterako orduan zailtasun nagusietako bat da izan baita oreka mantentzea. Oreka kronologikoa, oreka industriala, oreka generikoa, aukeratzen ziren liburuetan. Eta generikoa hainbat zentzutan: literatura generoei dagokienean, baina baita giza espeziearen generoei ere. Hala, denboran atzera egin ahala, gero eta zailagoa egin zait euskal emakume idazleak aurkitzea. Ekarri izan ditugu batzuk, Lourdes Oñederra, Pilar Iparragirre, Amaia Lasa, Laura Mintegi, Arantxa Iturbe, Mayi Pelot. Baina, konfiantza egidazue, ez da kausa beti erraza izan. Aukeratutako idazle emakumezkoak izan dira guztira 26 (%27,95), gizonezkoak izan diren bitartean 64 (%68,81) –askoren artean idatziak izan dira beste 3 liburu (%3,22)–. Hasiera batean euskarara itzulitako liburuak ere iruzkintzen nituenez –2015etik aurrera asko bakandu ziren itzulpenak, euskarazko originalak lehenesteko–, horiekin saiatu nintzen desoreka generikoak arintzen: euskal idazleen artean emakumezkoak %27,27 baziren, itzulitako idazleen artean %58,33 izatera iritsi dira. Ez da aski, noski, baina gure literaturaren neurria ere ez ote duten datu horiek ematen. Beste aspektu batzuetan oreka izan da samurragoa. Ustez. Argitaletxe handiak izan dira, noski, ordezkatuenak –jarri nahi beste komatxo “handiak” horretan–: Elkar, 18 libururekin (%19,35); Alberdania, 14rekin (%15,05); Erein eta Susa, 12narekin (%12,90); eta Pamielak bildu ditu 11 (%11,82). Atzeraxeago agertzen dira txikixeago batzuk, kuriosoagoa egin zaidan sorta bat osatu dutenak, sarri iruzkin bilduma honetako ale bakan bitxiak suertatu direnak. Maiatz, esaterako, 5 alerekin (%5,37), edota Auspoa, Lur eta Txalaparta, 3na alerekin (%3,22). Euskal Editoreen Elkarteak eta Igelak 2na liburu jarri dituzte (%2,15). Eta azkenik, liburu bakarrarekin (%1,07), Alberdania & Elkar, Egan, Enbolike, Gatuzain, Ibaizabal, Ikeder, Kutxa eta Txertoa daude. Literatura generoei dagokienez, bilduma honetan behintzat betetzen da Iban Zalduaren predikzioa, gurea, nobela nazio baino, ipuin herrialde izan daitekeela dioena. Ipuina edo, zabalago, narrazioa baita hemen genero gailena, 30 alerekin (%32,25); atzetik datorkio gaur egungo genero erregea, nobela, 27rekin (%29,03); eta harritu nauen beste datu bat, segur aski iruzkingilearen filiak erakusten dituena, saiakerak izan baitira 22 (%23,65) –eta horien artean artikulu bildumak, aldeak alde, orain epilogatzen ari garenaren gisakoak, 7–. Gero eta presentzia urriagoa duen poesiako liburuak izan dira guztira 12 (%12,90) –gehi, partzialki, beste 2–. Antzerkia, sinbolikoki nahi bada, 2 libururekin dago ordezkatuta (%2,15). Estadistarena egiteari utzi baino lehen, aipatu nahi nuke iruzkindutako liburu gehien-gehienak 1980 (25, %26,88), 1990 (30, %32,25) eta 2000 (29, %31,18) hamarkadetan argitaratutakoak izan direla, eta autoreez ari bagara, 50etan (18, %29,03) eta 60etan (20, %32,25) jaiotakoak –nire hamarkadako, hots, 80etako idazle bakarra sartu dut; ez garela hain arkeologikoak, alegia–. Datu hotzak dira horiek, seguru soziologoei baino interesatzen ez zaizkienak. Niri, hamar urteotan, gehiago interesatu zait abentura, hitzaren zentzu originalean: uneoro zer etorriko zen zehatz jakin gabe, arrisku puntu batekin beti iruzkintzeko liburuaren bila. Claudio Magrisek zioen egiazko kritiko literarioak detektibearen antza daukala. Eta agian arrazoi zuen, hamar urteotan eraman dudan ariketa honek gehiago izan duelako, testuen interpretaziotik baino, ezezagun, ezkutuan, ahaztuta zegoenaren bilaketatik. Alde horretatik, atsegin gehien eman didana izan da hain zuzen bilaketa, aurkikuntza, partekatzea bera. Azken fase horretan, gainera, sorpresak hartu ditut, iruzkindutako ipuin liburu ustez original bateko ale gehienak idazle iparramerikarren beste hainbat istoriotan zuzenki inspiratuak zeudela esan zidatenean, adibidez. Sorpresak, ordea, maizenik izan dira atseginak: idazleren bat poztu egin da aspaldiko gauzek oraindik oihartzuna izan dezaketela ikustean, itzultzaileren batek izan dezakeen saririk hoberena hartu du iruzkinen batekin, editoreren batek harrotasuna erakutsi du gazte lotsabakoren bat idazle on bat zela atzemateagatik, eta liburua egitera animatzeagatik. Bada atalagatik beragatik inoiz zoriondu nauen idazle konsagraturen bat. Eta ba omen dago liburu zahar baten iruzkinagatik Erromara bidaian joan behar izan duenik ere. Hunkigarrien, segur aski, hildako idazlearen alabak eskerrak eman zizkidanean, aitaren literatur lana balioan jartzeagatik. Baina asko eskertzen den berrelikadura hori gabe ere, plazer iturri handia izan da ez nobedadeak iruzkintzeko atala, hainbat liburu bakarreko idazle, hainbat Bartleby ezagutzeko parada izan dudalako (Pilar Iparragirre, Mari Jose Kerejeta), ibilbide literario kontsagratuena ere noizbait hasten dela deskubritu dudalako (Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria), hasieretako irakurketak berrirakurriz ni naizen irakurle hau nola zahartu den ikusi ahal izan dudalako (Harkaitz Cano, Alberdaniako 90etako liburu haiek), eta, azken hondarrean, ezin hobeki pasatzeko aukera eman didaten liburu ahaztu eta ahaztezin, ezkutu eta erdi ageriko, ezezagun eta ez aski ezagun sorta bat irakurtzeko aukera izan dudalako. Iruzkin batean esan nuen bezala, badira genero batzuk liburugintzan, oro har, baina partikularki gurean, gutxitu, txikitu, menostuak. Poesiaren bazterketa garaikidetik has gintezke, teatroaren oilotokirako kondenaraino. Iraganik memoriaren literatura esaten zaien oroitzapen, karnet, egunkari eta abarrekoetatik. Bai eta, zergatik ez, bildumak, adibidez prentsan atera izan diren testu, adibidez liburu iruzkinekin. Generoak nahastera jarrita, dietario literario modura irakur daitezke batzuk, autore baten irakurketa zerrenda komentatu gisa. 2010-2020 artean Argia astekarian argitaratutako 93 iruzkinak, Kritiken hemerotekan agertzen ez den pare bat tartean, bildu ditugu liburu –momentuz digital– honetan, sinesten baitut halako bildumetan, beste iruzkin batean esan nuen bezala, prentsako zutabe, artikulu, kronikak, berriz liburuan biltzeak baduelako zentzu, interesik. Besterik ez bada, niretzat inspiragarri izan baitira, ez bakarrik bilduma honetarako, baizik eta oro har bizitza literarioan, Ignacio Echevarriaren Trayecto, Jordi Lloveten Brins de literatura universal edota Markos Zapiainen Errua eta maitasuna bezalakoak. Ezinbesteko. Eta, tira, iritsi da beraz, hauxe zen posteritatea. Aritz Galarragarena, behintzat. Seguru ariketa berdina beste batek egin izan balu erabat diferentea zatekeela. Hamar urte izan dira guztira liburu zaharrak eguneratzen. Nahikoa. Ariketa bukatu da asmo baten agortzeagatik, eta dinamika baten errepikapenagatik. Saiatu bainaiz iruzkinei ukitu propio bat ematen, idazkera aldetik eta, azkenaldian dagoeneko ia txurroak bezala ateratzen zitzaidana. Ez nuen atalaren kopia txar bat egiten bukatu nahi. Ia ehun liburu izan dira, eta urte hauetan guztietan apalategiak bete zaizkit beste hainbeste nobedade ez diren libururen iruzkinak egiteko beste. Pozik beharko nuke. Hori baitu literaturak ona, irakurri ondorengo iruzkinekin edo gabe, iturri agorrezina jarraituko duela izaten. Aritz Galarraga Bartzelonan, 2020ko abenduaren 22an.
booktegi.eus http://www.susa-literatura.eus/ Katamalo GOTZON BARANDIARAN Katamaloa eranzteko ahalegin asmo apal hau izena agertzerik gura ez deuen bateri zor dotset. Alboan ez baneu, izangureak ustelduko ninduen. Ama, Alex, Ali, Peru eta Iraiatxuri eskerrik asko: katamaloa jendaurrean eranzteko lotsarik izan ez duten Bihotz Bakartien Klubeko kideei: Aintzina Lekue, Alex Arregi, Gorka Mugarza, Gorka Urbizu eta Nerea Urbizuri Aritz Albaizarri Kukubiltxotarrei biderako kinkela isiotuta mantenarazten didatenei Ez nire iritzia mezukeriatzat hartu, naizena baino askoz beherago makurtu gura dut burua, gangarrak ederrago ditut kokospean. Gure aurrekoen oinatzen gainean jarri eta aldaezintzat ditugula jakiteak ikaratu egin nau. Salto egiten ahalegindu naizelarik ezkerreko oina aurrekoen arrastoan erori zait. Eskuinekoa airean utzi dut. LAR ESTUTZEN DUTEN SOKAK NASAITU OSTONDU SAKON POZA Ostondu sakon poza, bila dabiltza, diotenez, mila polizia inguru. Mozorrotu trapu zaharrez osterantzean, seguru, minez behar dute goza. Ostondu sakon poza, badatoz usnaka ospela eta bekaitza, bi hankatan edo launaka. Harri eta guzti dator ekaitza epeldu ezina izango da hotza. Ostondu sakon poza, aldarrikatu zuk halako malerusik ez duela nehork ezagutu, malkoak ez dizula egiten hutsik, ezin zaizula euripean lehortu pozminez duzun bihotza. Ostondu sakon poza, zaude beti atezuan, ez lokartu, atzarri, dantzatu atzeskuan, ez diezazutela igarri zoriontsua denaren lotsa. SUTAN Txondorra herriko plazan. Sutarako begizkoak, bekaitzaren ezpalak, irain gordeak, mesede damutuen multzoa, arrotzek okupaturiko oheak, bidaide ahoberoak, adarretan pausatzen diren helmugak, sutarako denak. Ikuskizun berdingabea, inkisizio demokratikoa, garretan doazen aieneek, elkar estutu eta mina disimulatu beharrean dauden gorpuzkerek bestelakorik iradokitzen badute ere. Izatez, lekukoen artean badira uholdea erregutzen dutenak, bihotzonekoak beste ankerrak. Samina euritan lokatz bihurtzearen aldekoak, iragana urasetu eta estoldetan desagerrarazi gura dutenak. Baina mozorrotu egin dira, ez dago zein diren jakiterik. BAKEAN UZTEN EZ GAITUEN ESKARIA Zortzi urteko igande guztiak eskari baten atzean autoetan doazenen begiak begirada bihurtzen dira lantzean Gaur gero egunkariek diotena eta gaugiro hordien ostea darabiltzagu mintzagai asperduraren ardagai denborari denbora ostea epai gabeko kondena Zortzi urteko igande guztiak eskari baten atzean neguko goiz bustiak errutinaren latzean Eutsiko diogu baina nekatuko da imana paisaiak irentsiko gaitu arbola eta guzti bahitu lakartuko da laztana ohiko diosal destaina Zortzi urteko igande guztiak eskari baten atzean kargu hartzen digu astiak desagerraraztean Gehienak dabiltza ostera egunak beste ordu naufragoak balira legez ni neu naiz zu inola ez borrokak saria gor du askori esker da norbera BEGIRUNEA HERRARI Herra, bekaitzez betea, oihuka hasi zait: Nahikoa da! Luzaz nirekin olgetan ibili zara eta nazkatu naiz!, ez nauzu berriro aldebikotzat hartuko!, ez nauzu aldartearen kulunkan lozorrotuko! Zalantzarik izan ez dezazun korapilatuko natzaio onginahiari, maitasunari, estimuari eta jagoitik sekula ez nauzu igarriko ez bada zinez sentitzean, barnemuinetan zer den egia, zer den justua. Herra nauzu eta begirunea zor didazu. BERANDUEGI ETXERATUKO NAIZ Koadrodun amantala, ur beroak gorritutako eskuak, lapiko langileen lurruna, irrati handiustekoaren zaratotsa, lehortu arte xukatu beharreko udako egunetako gosari ordua. Lagunartera batu baino lehen argibideen zerrenda beti hurrenkera berekoa gogorarazten zenidan: Ezezagunekin ez joateko, ez dagoela fidatzerik, asmo okerreko jende asko dabilela munduan, eskuak beti poltsikoetan gordetzeko, lapurtzea bekatu dela ez bada bizirauteko, niretzat gura ez dudana besteei ez desiratzeko, erantzunen hasieran ezetz eta amaieran baietz esateko. Buruarekin gora eta behera egiten nizun baina igo beharreko maldak eta zuhaitzak zenbatzeko. Orain orduko haiek gogoratzen ditut inon oheratzean. Orain neu naiz ezezaguna, ez fidatzekoa, asmo okerrekoa. Orain maldak zein zuhaitzak igotzea baino betebehar nekezagoak hartu ditut eta berandu etxeratuko naiz, beranduegi. GURARIKA Goizero, mesanotxean utzi zenituen giltzak sarrerako atearen kanpoaldean jarri eta eguneroko lanetara biltzen naiz. Gosariaren osteko harrikoa egin bitartean leihotik lekora begira egiten dut ihes. Espaloiaren bestaldean zaude begiak igurtzi eta igurtzi, ia lekutik atera arte. Diozu: etzi datorren egunaren ostean itzuliko naiz, sasiotan masustarik ez dagoenean itzuliko naiz, ez lehenago. Gauero, sarrerako atearen kanpoaldean jarritako giltzak mesanotxera itzultzen ditut. AHOTAN IZAN NAZATEN Mila urteren buruan atzamarrik gabe eskatuko dut hitza: zera, uste dut... Baina urrutiegi izaki ez naute aintzat hartuko, aurpegia antzemango didaten beldur ez naiz hamaika kilometrora baizen hurreratuko. Ez dago atzamarbiderik! amore emango dut (eskubideek euren buruez beste egingo dute ordurako). Ahalegindu naiz, banoa afaltzera! aldarrikatuko dut. Belarritan izan nazaten mila urteren buruan, besorik gabe kantatuko ditut ereserkiak, geureak zein mundukoak, gorritu baino lotsatu egingo naiz. Ez dudanez berba bakar bat neure izango, besaulkietara itzuliko naiz. Goiz batean, hormara begira onartuko dut: (ispiluek mila zatitan puskatuko dituzte eskubideak ordurako) Ez naute ez ahotan ez belarritan izan, ezta arbolarik zaharrenaren sustrairik mendreenean ere, horrexegatik ekin behar diot orain eta hemen. IRUNTZI DANA Zabaldu ahoa iruntzi dana berba gaiztorik esan ez dagizun zarratuko dizut bizia Zein gozoa den pozoia erreinua oraleku duenarentzat Zabaldu ahoa iruntzi dana berba okerrik idatzi ez dagizun luzatuko dizut bizia Zein gozoa den pozoia tronua oraleku duenarentzat Zabaldu ahoa iruntzi dana berriz berbarik egin ez dagizun ukatuko dizut bizia Haserretu zaitez egin gedar irriz duzu heriotza BERBA HIGATUAK Nazkatu egiten nauzu egunero erabiltzen dituzun berba ezagunegi horiek ahoa belarrietaraino zabalik ahoskatzen dituzunean. Zeureak ez beste inorenak direlakoan zaude oker, agurtzen dituzun guztiek gauza bera azaltzeko gordetzen dituzte etxerako giltzarian. Nazkatu egiten nauzu, zure antzera jipoitzen ditudalako zureak nireak baino ez diren berba puta higatuegi horiek. GOGOTIK ERORI Ama eredugarria naiz, gidaliburuetakoa. Eguna lau gedar, bost agur, sei plater eta zazpi sorbalda kolperekin iragan dezakedala sinetsarazi dizuet, pozik nagoela urdindu zaizkidan ileek lantzean autobusa hartzeko aitzakia ematen didatelako. Ahaztu baduzue ere, neu hurbildu nintzen zuen lurretara, neuk ikasi nuen zuen berbakera, besarkadez eskertu nizuen harrera. Arreta eskea mendekutik banandu eta zenbat aldiz uzkurtu behar dut begirada? Helbide ezezagunen babesa atzendu arren ez dute sakonera nahikoa nire begizuloek? Mina ematen dizuelako ez didazue galdetzen zerk mintzen nauen, gogotik erori zaizue banaizela zuek gabe ere. Isilik zaudete, alboan egotea, diodanarekin bat egitea nahikoa dela deritzozue. Horrela antzezten dizkidazue maitasuna elkartasuna adiskidetasuna (eta berba potoloegi horiek). ENDURANCE Emakume batek balkoitik behera salto egin zuen, senarrak egunero jipoitzen zuen. Umedun zegoelarik bere buruaz beste egin zuela idatzi zuten polizia txostenetan. Baina ez zuten idatzi gurago izan zuela alabagaia aldean eroan bizirauteko izenik aurkitu ez ziolako. Auzokoek diote andra ederra zela: metroa eta laurogei, itsaso begi zabalak, ikatz azal leuna eta Nigeria ohoratzen zuen madari gorputza zituela. Amak Endurance izena jarri zion. Endurance: eutsi. Sarritan, jabeek ihes egiten diote izenari, ez diote egundo antzik hartzen. ZERBAIT GARRANTZITSUA Aitortu zidan: Zerbait garrantzitsua esan gura dut, aintzat ez nauzuenok isilarazteko bestekoa, azkarrenak moteltzeko modukoa, belarririk gabeko eztabaidan arrazoiak musututs uztekoa. Garrantzitsua zaizuen zerbait esan gura dut, ezen zuetako inork ez nau maitatu behar? galdetzean oihartzunak ihardesten baitit, ezen lagunak eta egunak eskutik desagertzen zarete? itaundu orduko etxerako tenorea egiten baitzaizue. Zuentzat garrantzitsua zer den jakin gura dut, zerk artegatzen dizuen gogoa, zenbatekoa den arretaren balioa. Halakorik baduzu, gorrak minduko dituen berbaren jabe bazara, utzidazu edo mailegatu astebetez, ez gehiago, osorik itzuliko dizut. ATZEMAN DUTE LAPURRA Atzeman dute lapurra urteetan ebatsitako berbak eta guzti. Polizien telebista kateek erakutsitako irudietan, harrituta begiratu die diruz-lagunduta zituen hiztegiei, atsekabeturik oroitu du sobornoetarako ez dagoela zekenik. Ez ei dute torturatu beharrik izan, ez baitago, antza, torturatu beharrik. Borondatez aitortu du non nori noiz: albistegietan, erredakzioetan, batzar nazionaletan, batzorde exekutiboetan, berrehun euro banatik gorako bazkalondoetan, izenburu hutsaletan, pankarta maiztuetan, komunikatu isilduetan, hileta antzeztuetan. Aske utzi dute lapurra urteetan ebatsitako berbak eta guzti, ez ei dute aitortu duena ulertu. Artean, kaltetuek gaztigua ebatzi eta heriotza zigorrera kondenatu dute, hilketa mugagabea egotzi diote, aurrez, denboraz, odol hotzean, anker egituratuko berbazidioa. Itzultzaileak ikusle oldearen hanka azpietatik ihes egin eta asilo politikoa eskatu du hizkuntzarik ez dagoen herri batean. OTZARA GAINEAN HYDE PARK Otzara batean igota Hyde Park. Ez ditugun plaza guztietan isildutakoak gurabeste errepikatu, ezinesanari zorrak ordaindu. Otzara batean gora Hyde Park. Ukitzen ez dugun lurrean zarata aztoratzen duen oihua, ezkilak gortzeko arrana. Otzara baten tontorra Hyde Park. Zerua makurtzen den lurraldean lurraren pare dut konsigna, zalantzez garaitzekoa agindua, hankamotzaren espaloia lerrokatzea, Hyde Park bete otzara. NAHI GENUENA Ezpainak ardotan, irri aizuna. Pozten zarela baina ez nauzula gogoan. Ankerra berez, bihozgabe ez bagina zinez, ikusi arte egongo gara. Urte bete gutun ez da iragan. Lanbroak hartu dizu esperoa. Argiontzi itsua bularrean daukat. Zu naiz urtetan nahi genuena, zu naiz. HAUTSITAKO AULKIAK Erletxeta auzoko lurpebidearen alboan auto bat geratu da. Gizon batek leihoa jaitsi eta zenbatean zimeltzen zara, bekatugaia? zenbatean idortzen zara, lore hila? galdetu dio. Eskertzen dizut lirikotasuna baina hamar euroren truke jango dizut zakila, hogeita hamarrean utziko dizut larrua jotzen, erantzun dio. Lurpebidearen alde bateko horman afixa koloretsuak daude: Malaisiako tigre fierrak, zaldi gaineko malabaristak, pianoa atzeko atzaparrekin jotzen duten elefanteak, sareen aurkako trapezistak, munduko zirkurik handiena! Beste aldeko hormari begira dagoen katuak mina bustita garbitzen du burua bietan jarrai eta oferta 2x1 irakurtzen duen bitartean. Erratza, zarama-poltsak eta hautsitako aulkiak. Asma nezake zer duten batzeko, zer sobera. Ez, ordea, zein lorezainek hautsi dizkien aulkiak, zein lorajagolek behartu gura dituen beherago jesartzera. Erletxetako lurpebideko emakumeak ez ditut egundo agurtu, nahiz egunero ezagutu, nahiz gogoa izan aulkiak konpontzen laguntzeko. BETAZALAK ERAUZTEAN Desagertu egiten zara ispiluaren aurrean margotzen zaren bakoitzean Orduan zeu zara hizpide zeu zara laudorio ez duzu parekorik Amak ez daki nor zaren ez zarenean are gutxiago ispiluaren aurrean margotzen zaren bakoitzean Zuri begira daude esamesak zutaz mintzo dira begiradak zu izateko suizidatu dira nortasun agiriak Baina horrek guzti horrek ez dizu deus balio lekukorik ez badago Soilik begiak itxitakoan itzultzen zara zeugana betazalak erauztean SOKA LABUR Gezurra esan nizun oihartzunak egia itzuliko zizulakoan Batzuetan ez dago jakiterik izena edo lanbidea zein egokituko diguten lehenik Deitzeari utzi zenion egun batean eta nik zure ahotsa entzuten dut telefonoa hartzen dudan bakoitzean Berdin dio berdin dio zein adinetakoak diren elkar ikusi gabeko egunak Isildutakoak errepikatzen nabil ordutik Min bizi batek hil zuen gure aita barrutik bizia zabaldu zuen min batek gugan iraunarazten du haren bizia Indarra arratsarekin galtzen zuen amamaren deia entzun dut berriz Gurago nuke berton balego berriz erakusteko zenbat ziren ontza bat azunberdi kantara bete Besook ezgauza ditut egungo neurrietarako Behiaren gutuna jaso dut postontzian Adeitsu baina kexu agertu zait atzo jan gabe utzi zuen bitxilorea gaur hesi baten bestaldean dagoelako Umetan urratu nituen belaunok jada ez dute lurrik igurtzi nahi Eta itxaropenak urraraziko dizkit odoletan hasi arte? Atzamarrei begira nago Kosta egiten zait ulertzen zergatik ez zuten planto egin hamarrera iristean zergatik ez ziren nahikotu Ez dakit zertarako baina agian neure bizitzako maitasuna aurkituko dut gaur negarrik gabeko egun honetan Bizitzako maitasuna aurkitu? Zer esan gura du horrek? Zein hizkuntzatan du jatorria? Otalorea hazi da alde egiteko autobusa hartu zenuen geltokian Zaindugabeko lorategia da zure oroitzapena Eskuineko behatzean eraztuna daraman neska hankaz gora ezkondu ote da? Ahuspez lurperatzen bagaituzte ere ezingo diogu heriotzari atzea eman Olgetan zaude oihan arriskutsuetan planeta niretzat ezezagunetan hegan egiteko besoak jasotzea baino ez duzula Alde egiteko erregutu didazu nagusien berbakera honek elkor bihurtzen dizkizula araoak Hamasei urterekin hautsi nuen garondoa gogoan ditut eguna eta arrazoia Begira-begira egon eta nirea besteena ez bezalako zilborra dela konturatu nintzen egunean hautsi nuen garondoa Gorra naiz ordutik Kristalari jasangaitza zaio ispilua dena ikusi dena jakin behar duen berekoia eskuinekoa ezker erakusten duen iruzurtia Konplize izateari utzi gura dio albait arinen sorlekura itzuli gardena izatearen ardurabakokerian bizi erakusleihoetarako izan gabe Neuk ere tiro egin gura nuen baina hemen ez hemen tirogaien hurbiltasunak kikildu egiten ninduen Zipriztinduko ez ninduten zauriak eragiteko prest nengoen baina hemen ez hemen urraturik txikienak itsasoak zabaltzen ditu Salto egin ezinik odolustu da belarra orkatiletatik IZERDIAK KATAMALOAREN SOKAK USTELTZEN DITUELA PROFITATUZ BURUBAKO Neure urratsei aurrea hartu ezinik hasi naiz bakarrizketan, erosteko edo saltzekoen zerrenda osatzekotan. Aspaldian inguruan dabilzkidanen emaria datorkit: urtarorik gabeko sasoiak, lerro zuzenegiak, burua apurtu arteko behaztopak, azken porrot berritzaileena, euren etxeetatik ohildutakoak, jostorratz argal eta hari ikusezinak, heroi apaletan azkenak, laratzik bako sutondoak, adar malguen topekak, sasiadiskideak, hurreko arrotzak, gorritu ezin diren izarrak. Ustekabean, kantoian eskuinera egin eta belarriko hautsak harrotzean, burua erori egin zait. Auzokoek miraz begiratu didate, euren artean murmurikatu dute aspaldian hartu behar zidala erabakia buruak, zertan ibili ote zen sufrimendua luzarazten horren buru gaztea horren gorputz zahartu jeloskorrarekin. Zeregin ezean nago orain, burubako, alderrai mindua dut hanka banako aukeratuko dut nork agindu ez daukadalako ez naiz lekutik mugituko heriotza halako abandonatuko ez nauen burua behar dut, sekulako. ARGAZKIEKIN ZORRETAN Zinez, argazki zaharra, azkenekoz natorkizu, zorrak kita ditzagun lehen baino lehen. Egun ez nau ikaratzen trumoiaren durundiak, iluntasunak ez dit loa galarazten. Itzaletan oroimena ere bidezidorrak argiztatzen hasi zait. Noizbait berriz, inoiz baizik, orain, ezin, ohartuko naiz, beharbada, esnatzeko garaiz. Zaude argazki zaharra, zaude ganbara honetan omenaldi eta arrakalen artean. Agur, deika ari zaizkit, banoa urratsean, maratila iltzatuko dut irtetean. Gurdibide berrituetatik noa lagunekin iturrietan elkartzera, uretan joateko aginduta, lepotik helduta edaten dugun artean, zuri-beltza kolore bizitzat duen argazkia ateratzera. URTAROA FALTA DUGU Ez dira antzarak itzuli neguagatik ez ziren joan ez zituen hotzak ikaratu Ez dira itzuli antzarak hotzak ez zituen ikaratu ez ziren joan neguagatik Antzarak ez dira itzuli ez zituen ikaratu hotzak ez ziren neguagatik joan BELAUNIKOALDIA Ez dugu besterik ikusi, ez dugu besterik entzun, orain garenetik erabat ezberdin izateko lain ikusi eta entzun dugu. Gureak ere belaunikoaldia izan behar zuen. Zilbor-heste bat eten ziguten, beste bat josi. Josi zizkiguten hildakoak, nortasun agiri faltsuak, ezkutalekuak, gutxietsien iraganak, ulertzen ez gintuzten mapak, lau hormatan zigorrak, hizkuntza askotako hiletak. Ginenak izateagatik, zoriona su-etenetan ospatzeko baimena baino ez ziguten eman. Etorkizuna geu ginela esaten ziguten haiek itxarongeletan zarratzen gintuzten, baina guk oraina izan gura genuen, eta ez etorkizuna, konturatu baikinen atzeratu egiten zigutela etorkizuna iraganarekin bat egiteraino. Mina sendatzeko legez orrazkera aldatzeko ordua eskatu beharrari uko eginik, batzuek, ametsak pilatzen jarraitu gura dugu heriotzari gainezka egin asmoz, maitasunak bete diezagun memoria, ezustekoa bihur dakigun ogibide. Giltzapean gordeta dugu helburu apal eta lorgarrien tiraniari, ezinezkoaren ospea lausotzearen aldekoei, belaunikoaldia onartu ez eze belaunpeko leungarriak erabiltzen dituztenei aurre egiteko edabea, bi osagai baino ez dituena, mozkorrik iraunarazten gaituena. AZKEN HITZA Duela hogeita bost urte ezagutzen dugu elkar eta haserretu garen guztietan erantzun bera aitzakiatu didazu: «Horrelakoa naiz eta ez naiz aldatuko». Gehienetan ezin izan diot zure epitafio horri jarraipenik eman, batzuetan arrazoia duzulakoan, besteetan aspertu egiten nautelako amaiera bako borrokek. Haatik, bart izan dudan ametsokerrak arnasa gehiegi estutu dit eta aurrerantzean, haserretzen garenean, erantzuten ez badizut ere, ametsokerra izango dut gogoan, nolakoa ez dudan izan nahi. Neure burua ikusi dut ametsokerrean belaunikatutako jende mulko bati berbetan, urregorrizko kadira lainoz eta kristalez inguratuan izarak bezain bizar ile zuriz jantzia: «Hala da, ez nator bat, izan liteke. Baina ni gizajo horien lurretan, euren onerako geureganatu genituen horietan, egona naiz egon ez naizen guztietan eta badakit ez direna gu bezain zoriontsu bizi, badakit ez dakidalako gure demokrazia desiratzen dutela, katea amesten dutela diruzorrotik zintzilik. Esan ez didatelako dakit emakumeek eta gizonek ez dutela elkar maite guk geure buruak beste, dohatsuak direla brontzezko podiumean. Zin dagizuet sinetsi ez arren, neure esku balego, oparituko niekeela inorena ez den guztia. Ezagutzen nauzue, badakizue nolakoa naizen, nire eskuzabaltasuna kanpo-zorrak baino errukigarriagoa da, ia neroni harritzerainokoa. Gosea, lehorteak, hiesa... horiek fedetxarrekoen erraizunak dira, bai, gabeziaren bat edo beste dute, baina ez da hain larria izango. Akatsik ez dugunok, jakin dakigu, bekaitza dela askoren benetako gaitzik larriena. Hori da egia eta hauxe azken hitza.» NEGARTIAREN AUHENA Armada bentzutuetako hildakoak estaltzeko oihalak ez dira nire malkoak menperatzeko lain. Bihotzak zotina dit, aulkian kulunkatzen zait eten barik, ausartu ezinik: orain orain orain... aldendu zaitez orain. Baiezkoan nengoen, baina ez dut zuek bezalakoa egiten nauen ezer. Buruz ikasi nituen ikasgaiak hitzez hitz errepikatzeko gai naiz, ostera, ez ditut biren artean bereizten. Tiroka erantzun diezue laguntza eskaera guztiei eta, horrenbestez, herrikideok auzokideok jendekideok, entzuteko ahalegina zain duzuenok, etsi dut eta banoa. Ondoegi bizi gara iraultzaileak izateko. Jantzi eta erantzi, arropak legez etzaten gara aitzakietan zein aulkietan, eskegitzen gara armairuetan edo etorkizunetan, bat baino gehiago direnetz gure etorkizunak. Eskubideak zergen ordaina direla aldarrikatzen dugu bazkalorduetan, suzko barrikadak bustitzen ditugu tabernetan. Baiezkoan nengoen baina ez dut zuek bezalakoa egiten nauen ezer, etsi dut eta banoa, ardura guztiak zuentzat. PISTOLA ESKATU DIO URTEGUNEAN Pistola eskatu dio bere urtegunerako: pistola luze, astun eta beltza. Sakonera begiratuz belar artean, panpinak liliputetzen oroitzen du, irribarrea, eskuak eta hankak mugitzen ez zituzten panpinak batailetarako biziarazten oroitzen du, belaunak galgarik gabeko bizikletekin haserretu eta aldapa itzeletan behera borrokatzen. Afaritarako dei egin ostean etxerantz lasterka oroitzen du, behatz lodiek urratutako oinetako bustiak erantzi eta erreka bazterreko abenturek isildu ezinik, aulkian zutunik. Zubi batetik erori, harritzarra jo eta kokotsa zabaldu zuenekoa oroitzen du, alderik alde odol-jauzia zeriola baina ez zuela negarrik egin, bizitzarako gogortu beharra zuela deliberatu balu legez. Jendaurrean hamaika biderrez lotsarazi duela oroitzen du, gitarra mutua eskuetan, ustekabean, ispiluari begira, mundua dantzara matxinatzeko kantari aritzen zela aitortzean. Damorriz oroitzen du mina eta poza ez dituela egundo biki sentitu munduratu zuenean izan ezik. Pistola luze, astun eta beltza eskatu dio hogei urte beteko dituen egunerako. EZ DA SINESGARRI NEGARTIAREN AUHENA Errekastoak esango dizu non dagoen negartia, beti hurkoei kontu eskean ibiltzen den bakartia, ur gazia du emari eta lehorte egarribakoa ausardia. Kopeta goibel, dena ezintasun, txarra ona bezain hitsa, armetan eraginkorrena delakoan darabil hitza, gezurretan doakio arnasa, estakuruetan bizitza. Ustezko balentrien egia ez balitz hain hantua, zilegi luke kontu eskea eta jotako lantua, erantzukizunerako bihurtzen da apoarmatua. Ekinaren ekinez azalean itsatsiko dizu kedarra, mikaztuko zaizu umorea, ohitura bihurtuko gedarra, zainetan barreiatuko zaizu, pozarekin etsaituko negarra. Berba bakoitzarekin ahoratu ez dakizun behazuna, altxa gora ezkutua, igurtzi iritzietan asuna, belarri garunetan iragazkiak josi, zaindu maitasuna. ILOBAK, ZERUA ZER DEN AZALTZEN AHALEGINDU NAIZELAKO Beraz fedearen bidaia agentzietan gehien eskaintzen den atsedenlekua baino ez da Beraz begiekin batera lepoak ariketa fisikoa egiteko darabilen aitzakia baino ez da Beraz txikiegi gutxiegi sentiarazita harrokeria tentetzen digun gangarra baino ez da Beraz eskukadaka batu arren egundo amaitzen ez den kotoigoxoa baino ez da Beraz gurabeste hasteko baimena ematen digun sabaia baino ez da ILOBAK, HERIOTZA ZER DEN AZALDU EZ DIODALAKO Elizportaleko aurpegi serioen artean gizon baten argazkia ikusi du zutabe batean. Hori da hil dena? galdetu dit. Bai. Eta nor da eskuak atzean dituela dakarten gizon hori? Hil denaren semea. Eta hori ere hil egingo dute? Nahi bai, baina ez dut uste. Eta ni hil egingo naiz? Bai, baina urte asko pasatuko dira. Zenbat, hirurehun eta berrogeita hamar mila? Edo gehiago. Nik ez dut hil nahi, osaba. BEKOKILUNARI Oi bekokiluna besarkadek ere ez zaituzte destolesten zurrun zurrun zurruna duzu laztana lakar lakar lakarra agurra Oi bekokiluna eskuak poltsikoetan daroazuz lagunentzako sakon sakon sakona duzu erresumina likits likits likitsa damua Oi bekokiluna kontu eskeen zamari zoaz alderrai aratz aratz aratza duzu ustea alfer alfer alferra gandorra Oi bekokiluna ostrukaren gaitzak jota dagoen usoa dirudizu sorgor sorgor sorgorra duzu mesedea zalu zalu zalua aizuna Oi bekokiluna zein hilgarria duzun samina eta zein ezdeus ezdeus ezdeusa OIHUEN JABEAK Jabeak lotu egin beharko lituzke oihu latz horiek. Arriskutsuak dira uhal barik kaleratzeko, haginka egin diezaiokete umeren bati. Eta ez da komeni umeek ezer ikas dezaten beranduegi izan arte. Oihu garratz horien jabeak paseoan ateratzeko baimenak egunean beharko lituzke, horrenbesteko samin eragileak mantso mantentzeko ahalmena duela egiaztatu. Erotzeraino soraiotzen nauten oihu zakar horien jabeak ez luke haserretu behar ez kalean ez jendaurrean. Oihu latz garratz zakar gehiago eragiteraino, itxurak egin ditzala sikiera. Zenbat oihu lakatz entzuteko betebeharra dugun begiratuko dut boletin ofizialetan. Susmoa dut kopurua igotzeko dekretua argitaratu dutena udako oporrak profitatuz, eta gutxi batzuek baino ez dutela horren berri. BIDERAKO OGI-PAPURRAK Erditu nituen ogi-papurrak umotu egin zaizkizu, su eman eta ke-seinaletarako ere ez dizute balio. Zugatik izandako lo-sakonak galbahe ameslarietako urre-pinportak. Belarritik belarrirainoko bidaian geldialdirik egin ote zizuten nire esanek, hartuko ote baten batek ostatu, fundatuko zizuten hiririk basamortuan? Profitatuko ez duzun bidezidorra garbitzea, ahalegin etsigarria nirea. Talaia orkatilen pare mantentzen duzu? Lekuz aldatu duzu amorrua baina atzamarraren puntan elefante hegalariak ikusten jarraituko duzu, kostako zaizu azkena izanik dominoari eustea. ARGIBIDEAK Non zapaldu, non gelditu noraino luzatu pausoa, zer ibili, nora zaindu. Lagunen aurrean gutxiagotzen ninduten mandatuak, ume-aroan zaharkitutako alfabetoan idatzitakotzat nituen zure argibideak, garbigailuko uretan irakurtezin bihur zitezen poltsikoetan ostentzen nituenak bihotzarekin josten zenizkidan poltsikoetan, aintzat hartu gabe zenbatero bilduko nintzen zure askara, aintzat hartu gabe hotza uxatuko zidala zure epelak, lehorteen berri ez zuela ezagutuko nire ahosabaiak. Zeinek gorago aurka egin ur-lasterrei, zeinek sakonago burua sartu lehoi basaren ahoan, bulkaden ezjakin zoriontsu ginen sasoian. Eta txotxongiloen hariak errugabetzen ditudan egunotan, harri bakarrarekin ordeka zeharkatzeko gai naizela konturatuta, eskuak poltsikoetan zahartzea erabaki dut. UKATU EGIN BEHAR NIZUN ZORIONA Ukatu egin behar nizun zoriona, maitatu ditudan guztiak ahantzi eta bakarra inposatu behar nizun. Maitatu duzun bakarra, joan zitzaizun bakarra, bakardadean bakartiago esnarazten zaituena. Fidela izateari utzi ei diozulako ukatu egin behar nizun zoriona, haragia azalaren gainetik izan dudan honek, altzoan daroazun honek. ATZAZALETAN Atzamarrak nekatu egiten zitzaizkion egunak kontatzen hasten zen bakoitzean. Nork bere buruarekin elkarrizketa izatea eroen gaitza dela diote sekula ume izan ez direnek, eta berak ez zerabilen besterik akorduan: Egutegiek zertan egiten ote dute mesede? Horren garrantzitsua da bizi dugun egunak zenbakia eta eguna izatea? Zergatik dira batzuk besteak baino egunago? Beharrezkoa delako, noski. Beharrezkoa baita egun zehatzen esperoan egotea; bizitza osoa egun zehatzen esperoan ematea: eskoletara hasteko lehen eguna, lehen musurako eguna, maitasuna egiteko lehen eguna, hamazortzi urte betetzekoa, lana aurkitzekoa, etxea erostekoa, ezkontzekoa, familia osatzekoa, jubilatzekoa eta... hiltzekoa. Eta zergatik ez datoz egutegietara bizitzea erraza zeneko egun haiek? Zergatik ez dakartzagu efemerideetara jolas egitea beste derrigorrik ez genuen sasoietako egun haiek? Atzamarrak nekatu egiten zitzaizkion egunak kontatzen hasten zen bakoitzean. Urteak pilatzen zitzaizkion atzazaletan. Horixe pilatu zitzaion urteotan guztietan, egunak, urteak, besterik ez. ESKEAN Abenduko gau batean izarrik ez zela hurbildu nintzen eskean ohi bezela. —Bihotz deslaien antzera natortzu altzora. —Etsitakoen artera zatoz inora. —Ez duzu maitasunik barruan gordeta? —Berandu zatoz jadanik hustu naiz-eta. —Zer falta duzu laztana, hain zara ederra! —Gezurrarentzat labana, motzaren herra. —Motza edo itsusia eder lirateke. —Ez mozorrotu egia hutsaren eske. —Xedetzat ez dut gorputza ez bada arima. —Zure aitzakia harroputza zure biktima. —Itxaropenik ez duzu maitasunarengan. —Merke datozen bi musu badoaz hegan. —Galdu duzuna eskura itzuliko balitz. —Hiztegi osoa zen hura ez ziren bi hitz. —Maite zaitut esan eta betor bizipoza. —Bete gabeko apeta ezin dut goza. —Zein izan duzu ebasle asmo okerrekoa? —Bat beti dena garaile ez menpekoa. —Jo behar diozu handia, itxi ukabila, galdu dezala bizia. doala bila. GALTZAILEA Oparotasunak orekatzen nauen galtzailea naiz. Badakit arrotza zaidan biziera dagoena, izutzen nauten biztanleak direna, ihesi noakiela distantziak hurbiltzeko beldurrez, urteak daroatzadala ezleku, ezjende horien berririk jakin gurage. Tarteka, egunak erreskadan eta ordena beldurgarrian doazela, lortzen dut begi bat zabaltzea edo lagun baten biderako kinkela eskuartean izatea: euskalduna izan arren ez naiz egundo ziega batean usteldu, ez naute torturatu, ez didate hurrekorik ekintza armatuan hil. Sufrimenduaren nire aldarria ez doa xuxurlatik gora. Zer dela-eta orduan ez naizena puztu behar hau? Nigan ez dakusat marjinatu, hirugarrendutako, etxe, auto, etorkizun zein paperbakorik, ez nago bakarti samaldan, eta hala ere galtzaile sentitzen naiz, eta hala ere garaile naiz ez dutenen aldean. Bihotzak ihes egiten dit korrika batean, ez duela ezer ulertzen, ez dakiela odolari zein norabide eman. Ostera, handiusteak lanbrotzen nauenean, kantu zaharretako tragedien ahaireetan mintzo naiz, epikotasuna xede. Lirudikeenez, batailan ematen ditut eguneko orenak, azala, haragia eta arima zanpatzen dizkidaten arerio garaiezinen aurka. Lirudikeenez, saminak hartua dit biziera, ene sufrimendua latzena da benaz; eta miresgarria, hala ere, oztopo guztioi aurre egiteko erakusten dudan adorea. Agian gezia behar dut eztarritik behera, zain-hezur guztiak urratu eta garunean sartuko zaidana, egunero mingorra gogorarazteko modukoa. Galtzeak mina ematen dit, bai, ez garaitua izateagatik, ez bada garailea dena izateagatik. ALBOAN Itsumustuka ibilitako basabideetatik nentorren, zaku bete hutsune, bidea bakarrik egitearen beldur, gabezien sakoneretarako neurgailua eskuetan, bidegurutzeetan agurtzen nituen bidaide askoren maitale eginda. Amaiera hasiera bezain urrun zukeen beste biderik ez hartzeko erabakia hartu nuen hartan, alboan zinen, orduan ere. Haizeak ez, beste zerbaitek ekarriko zuen hazia, zure izena ereitera nire begietan, lehenengo eskuinekoan, ezkerrekoan gerora. Nire begietan barrea, bularrak, ipurmasailak ausartagoak, harroagoak, askeagoak dituzu, ninietan aterpetzen zaizkit ispilutik arbuiatzen dituzunak. Oharkabean ere bizi daitekeela erakusten didazulako aurrez inork inoiz esan gabekoak asmatu gura dizkizut, masaila laztandurik begitik begira esaten dizkidazunen neurrikoak, hezur eta haragi ditudanak. Ez itsasoa, ilargia, loreak, mendiak, izarrak, zaldi zuriak edo gau epelak, lehenago ere gehiegitan laidotu ditut, badakit ez dizutena azala hozkirritzen, badakit elkarri begiratzen diogunean sakonago ari garena, ez dugula gorputzen arteko distantzia berba hutsen errenkadetan laburtu beharrik, isilean errazago trukatzen ditugula azala eta barruko guztia, musika, literatura. Izerdia egingo dut gure maitasunak ez dezan jakin zer izan nagusitzen denean, nahiago izan dezan ibilian hazi, lanbidea aldatu egunerokotasunak behatzetik burura noiz herdoilduko beldurtzean, ezustekoak ponpatu diezaion bihotza, ez diezagun nekeak lozorrotu. ALDAMIOKO GIZONAREN BURUAK Aldamioko gizonaren buruak lurra kolpatzen du behin eta berriro begiak itxita kolpatzen du behin eta berriro lurra zabaldu nahi izango balu bezala behin eta berriro kolpatzen du hurrengo eroriko denak ez dezan minik hartu lurra biguntzen du aldamioko gizonaren buruak behin eta berriro kolpatzen du hurrengoak behin eta berriro lurra gizonaren buruak biguntzen du hurrengoak kolpatzen du gizonak behin eta berriro AUZO BERRIREN BATEAN Auzo berriren batean itxarongela bat kausitzera, mende amaitugabera, ogi-papurrekin, itzuli nahian nabil ezarian. Oin-zola higatuak aldean, helmugen esperoan, maparik gabe, hain herabe. Aro ezezagunetan itsaso barea, ezustean gogoz oldartuko zait ezetzen antzera ozen: Nor haiz?
AURKIBIDEA Itzultzailearen hitzaurrea Itsasotik urrun Harea Euria itsasoaren gainean Iraganeko pausoak Edertasuna odoletan Gauza gutxi Gogogabetasunak Begi lehorrak Intimitatea Haize eta itsaso Laztanen gaineko txostena Oraindik Ilargi izoztua Mass media Itsasorako botila Denborarik gabeko astia Betikara Itsasoaren isiltasuna Bihotz babes Ez zaitez salba Itzultzailearen hitzaurrea Mario Benedetti Uruguaiko idazlerik garrantzitsuenetako bat izan zen. Genero literario guztiak jorratu zituen: poesia, eleberriak, ipuinak, antzerkia, saiakera, kazetaritza-lanak eta abar. Benedettiren obrek eguneroko bizimodua eta errealitateak dituzte oinarri nagusi. Eta azpimarratzekoa da, inolako ezbairik gabe, bere luma apartaren samurtasun eta humanismoa, eta baita bere aldarte on zein ironia zorrotza. Poesia, egia aitor, ez da gaur egun jende askok irakurtzen duen generoa. Eleberria dugu jaun eta jabe. Erabat baztertutako generoa izan da, eta definitzeko orduan ia jende guztiak adjektibo bi hauek baliatzen ditu: astuna eta konplexua. Eskolan landutako poesia apurra horrelakoa zen, eta hainbeste maite genituen testu-iruzkinek ez zuten gehiegi lagundu harreman korapilotsu horretan. Poeten olerkiak halakoak ziren. Eta, gainera, zenbat eta ulergaitzagoa izan idazlearen idazkera, orduan eta ozenagoa genuen irakaslearen gorazarrea. Mito hauek guztiak apurtzeko Mario Benedettiren poesia dugu. Poesia berarentzat munduaren arima da, literaturaren Errauskine kuttuna. Eta arima horren bi taupada sentituko ditugu poema hauetan: hotzikara eta freskura. Elur-luma batek azalean eragiten duen hotzikara. Udako ekaitz baten freskura. Eskerrik asko suagatik Mario! Itsasotik urrun Esnatzen naizenean urrun behar ez nauen itsasotik zerbait falta zait etorkizunean eta leihoan eta aurpegian nik badakit itsasoa heriotza bezain betierekoa dela ahanzturaren itsasoa talamo bat bezalakoa da zelai geldi edo astindua hodei olatuen zerubaxu infinituaren zirriborro Nik badakit itsasoa isiltasuna bezain zekena dela Lo geratzen naizenean urrun gesal kaioengandik amesten dut itsasoak arre besarkatzen nauela eta bere erraietan abandonatu nik badakit itsasoa erantzuna dela inori ez ezeri ez Harea Harea nire hatzen artean nire berunezko oin pean harea hegalari harea on Zure oroimen lore-hautsean ezkutatuta geratu ziren nire gazteluak gorde itzazu ume bat beste ume bat nire ibiltzeko baimenarekin askatzera hurbilduko den egunera arte. Euria itsasoaren gainean Trumoiaren oihartzuna bezala gaua iluntzen da baina euriak bero ostertza probokatzen du uholde errukiorra itsasoan maiz agertu barra gardenekin eta kristalezko ezpatekin euriak putzutxoak egiten ditu itsaso isilean tanta bakoitza irekitzen da kaleidoskopio batean euriak itsasoa blaitu jantzi eta biluztu itsasargiaz arduratu gabe bere burbuilan hordi sirenak eta izurdeak elkarri bere alarmak pasatzen eta ihesi ezkutatzera haien ur basoetan eta horrela hodeiak euriz bete arte eta itsaso bihurtu ilargi babes eta ispilu. Iraganeko pausoak Iraganeko pausoak entzuten ditut artean desioa eta ni hain arinak ginenean gauza eder eta baita entzundako zein inkario atzetik ibiltzeko ere o, atletak bezalakoak ginen eta ahaztezina ere ahazten genuen iraganeko pausoak bakarrik gelditzen ziren bihotzaren mezulari batek deitzen zuenean eztarriko kexa edo otoitz batekin gelditzen ziren labaintzen zirelako bide-zoruan edo baldosa grisetan eta batik bat negarraren hezetasunean iraganeko pausoak bidetik atera ziren agindu guztietatik nahita besteratu ez dakit nondik dabiltzan/ zer gainbeheran instalatu ziren edo instalatu nahi diren metodoz eta tentuz sortzeko etorkizuneko pauso misteriotsuak. Edertasuna odoletan Krimen globalizatua/unibertsala eguneroko ogi edo gaueroko errealitate egonkorra ez da orain edertasunaren laburpen birtuala hortz zuri-zuridun ume beltzen hezur hutsezko begiradak baino pairamen eskala ura jateko gozo urrun lurra lehor oroimin ebakietan eta edozein koloretako babesgabetasuna pantaila guztietan alarma axolagabeen gozagarri gosetien globalizazioa nagusien gosegarri bezperako krimen arruntak hilotz berri poltsan polizetan bonuetan eta merkatuetan edertasuna orain odoletan/ odolbiltzen Gauza gutxi Mundu honetan hain gauza gutxi daude norberaren bizitza eztitzeko gai direnak esan dezagun itxaropen argitua edo baldosetan dir-dir egiten duen euria gogoko dut arrosen irmotasuna arantza bat galdutzat jotzen ez duena eta errepikatzen den palmondoen tristura hain bakar eta harro baina ez dago ezer hain sakon eta arin arima eta bertigoa eta emakume horren ezpainak baino ikustean hunkitzen gaituena zeru eta amets artean norbait izateko gorrototik eta bere bizioetatik salbatzeko ez dago maitasuna eta bere kontsolamendua baino hoberik. Gogogabetasunak Berrogei milioi haur hil egunero gose eta egarriaren garbitokian gorputz txiroen torturak arimak banan-banan doilor eta boterea harro bere berrogeialdiez edota txiroak solemnitatez gero eta solemnitate gutxiago eta txiroago nahiko larria da jada gizon bakar batek emakume bakar batek etorkizun neutroa oharkabean begiratzea. baina krudela ordea krudela soilik gizadia bada bizkarra jasotzen duena. Begi lehorrak Tristeena begi lehorren negarra da oroimen edo oroimenik gabe negar egiten dena eztarriarekin/ garezurrarekin edo nor bere baitan biltzearen bandak borroka eroengatik negar egiten nuen lehen odol zein ausardia elezaharrekin dardarez zauritutako paisaiagatik zerura begiratzeaz nekatuta zeudenengatik baina lehortu ziren begiak/ argi lehortu ziren esna/ alderrai ez dakite zer begiratu zer onartu begi liluratu/hauskara horregatik negar lehorra harresi erdeinu guztiek jo eta norbera bizi xerka/ xerka malko gaziak irensten. Intimitatea Amets elkarrekin elkarrekin esna denborak egin edo desegin bizkitartean ez dio axola zure ametsak ezta nire ametsak ere traketsak gara edo zuhurregiak pentsatzen dugu ez dela erortzen kaio hori uste dugu betiko dela arao hau gurea dela borroka ez beste inorena elkarrekin bizi elkarrekin erori baina hondamen hori txantxa bat da xehetasun bat haizealdi bat aztarna bat irekitzea edo ixtea paradisua jada gure intimitatea hain da handia non heriotzak ezkutatzen duen bere hustasunean kontatzea nahi dut isiltzen duzun dolua nire aldetik eskaintzen dizut nire azken konfidantza bakarrik zaude bakarrik nago baina batzuetan bakarkadea izaten ahal da gar. Haize eta itsaso Haizeak proposamenak hurbiltzen ditu lehengoak baino hobeak eta ez dira galderak hutsal edo lizunak baina itsasoak erantzunak ditu bat-batean inprobisatuak eta elkarrizketa hain da bortitza non ezingo dudan atseden hartu itsasoa baretzen ez den bitartean haizea eteten ez den bitartean. Laztanen gaineko txostena 1 Laztana hizkuntza bat da eta zure laztanek hitz egingo balidate nola nahi isiltzea 2 Laztana ez da beste laztan urrun baten kopia bertsio berria da ia beti ondua 3 Azalaren jaia laztana iraun bitartean eta urrundu ahala lizunkeria babesgabea 4 Ametsen laztanak mirari eta xarma akats bakarra ukimen falta 5 Abentura eta enigma bezala laztan hasiera laztan bihurtu aitzinera 6 Argi dago onena ez dela laztana bera bere jarraiera baizik. Oraindik Ezin sinetsi oraino heltzen ari zara nire ondora eta gaua ahurtara izar eta bozkario ukitu dastatu aditu eta ikusi zure aurpegia zure pauso luze zure eskuak eta halere oraino ezin sinetsi zure itzulerak nirekin eta zurekin estua lotura aierua esaera zalantzak kantuak. ez zaitu inoiz inork ordezkatzen eta gauza xumeenak bihurtzen dira nahitaezkoak zu ari zarelako etxera ailegatzen. halere oraino nire zorte onaz zalantzati zu nire ortzi amets irudiko baina bazatoz eta argi dago bazatoz zure begiradarekin eta zure etorrerarekin etorkizuna magiko eta nahiz eta beti ez izan aditzaile egoki nire erru eta porrotetan badakit ordea zure besoetan munduari nola eutsi eta musukatzen badut kemenik eta zure ezpainen misteriorik ez da egongo ez zalantzarik ez biziorik gehiago maiteko zaitut oraindik. Ilargi izoztua Bakardade honekin azpikaria lasaia bakardade honekin aje sakratuena ulu urrunena isiltasun itzelarena bide-zoru oroitzapenena ilargi izoztuarena besteentzako gauarena begi biziki irekiena bakardade honekin erabilgaitza hutsa batzuetan ahal da ulertu maitasuna. Mass media Hedabideetatik hain kodifikatuta dagoen mundu honetan internet eta beste nabigazioekin nik oraindik nahiago betidanik hainbeste komunikatzen duena. Itsasorako botila Itsasorako nire botilan sei bertso hauek jartzen ditut isileko asmoarekin egunen batean hondartza ia bakarti batera hel eta ume batek aurki eta estalkia kentzea eta bertsoak atera beharrean harri-koskorrak eta laguntzak alertak eta barraskiloak ateratzea. Denborarik gabeko astia Denbora behar dut denbora hori beste batzuek alde batera utzitakoa sobera edo ez dakitelako jada zer egin berarekin denbora zuri gorri orlegi gaztainkara eta guzti koloreak ez dit axola denbora xumea ireki ezin dudana eta itxi atea bailitzan denbora begiratzeko zuhaitz bat, argiontzi bat atsedenaren ahotik ibiltzeko pentsatzeko gaur negua da eta zeinen ondo pixkat hiltzeko eta berehala jaiotzeko giltza asmatzeko giltza emateko denbora behar nahikoa denbora bizitzan ordu batzuk plisti-plasta aritzeko zergatik nagoen triste aztertzeko nire hezurdura zaharrera ohitzeko denbora ezkutatzeko oilar baten kantuan eta berriro agertzeko irrintzi batean egunean egoteko gauean egoteko arreta eta erlojurik gabeko denbora behar esan eta aski da behar izan alegia esan dezagun gabezia denborarik gabeko astia. Betikara Horma horrek poliki-poliki aldentzen nau harriz harri iraindu ez dudalako denborarik itsasoraino jaisteko eta bere zorigaiztoko poz karrankarria entzun ez dudalako denborarik atsekabeak biltzeko zeru zulatzailea den pinu haren azpian ez dudalako denborarik haizeari aurpegia emateko eta arima zein birikak zinez egurastu begiak ixtera noa eta belarriak hormatzera eta beste itsaso bat nire sareetan isuri eta ametsezko pinu bat zutitu eta arrastaka eramango nauen haizea sortu azpikeria eta makinetatik urrun ordutegi eta gogaikarriengandik urrun baina etxe barruan porrota asmatzen dudan itsaso honek ez nau bustitzen ez dauka lurrinik zutitzen dudan zuhaitzak eta nire ordezko urakanak ez du balio ezta gorroto lehorrak ekortzeko orduan nire ingurura itzultzen naiz arratsaldea berriro entzun eta dunbotsa berriro horma begiratu harriz harri eta aieru erabakiorrera heldu eraitsi beharko dut itsasoa, pinua, haizea konkistatzen joateko. Itsasoaren isiltasuna Itsasoaren isiltasuna amaigabeko judizio orro txanbil bat baino bilduago bi tanta baino zorrotzago ostertza hurbilarazi edo marmoken heriotza urdina helarazi gure susmoek ezin utzi itsasoa entzule gor jainkoa bezain sor bizirauleei bizirautea lor ezin jakin zer espero zer arao nire orkatiletan idoro baina begi hauek lausaz asez gero lautada eta muino edo kale gehiagotan ixten diren kaleetan itxaro orduan bai naufrago eta itsasoak baino ez salbatuko. Bihotz babes Zaitudulako eta ez pentsatzen zaitudalako gauak begi irekiak dituelako gaua pasa eta maite diodalako zure irudia hartzera etorri zarelako eta zure irudi guztiak baino hobea zarelako oinetik arimara eder arimatik nigana on harrotasunean ezkutuan ezti txiki eta ezti bihotz babes nirea zarelako nirea ez zarelako zu begiratu eta hil hil baino okerrago begiratzen ez bazaitut maite begiratzen ez bazaitut zu beti edonon non maite zaitudan hobe halere zure ahoa odol zu hotz maitatu behar zaitut maite maitatu behar nahiz eta zauri honek biren mina eman nahiz eta bila eta topa ez nahiz eta gaua pasa eta zu izan eta ez. Ez zaitez salba Ez zaitez geldi gera bide ertzean ez izoztu poza ez gogorik gabe maita ez zaitez orain salba ez inoiz ez ez zaitez salba ez lasaitasunez bete ez mundutik gorde bazter bare bakar bat ez utzi betazalak erortzen judizioak bezain astun ez ezpainik gabe gera ez logurarik gabe lo ez odolik gabe pentsa ez denborarik gabe epai zeure burua baina hala ere ezin baduzu uka eta poza izozten baduzu eta gogorik gabe maita eta orain salba eta lasaitasunez bete eta bazter bakar bare bat mundutik gorde eta betazalak erortzen utzi judizioak bezain astun eta ezpainik gabe xuka eta logurarik gabe lo eta odolik gabe pentsa eta denborarik gabe epaitzen baduzu zeure burua eta bide ertzean geldi gera eta salba orduan ez nirekin gera.
I — Gaua txarra izango dugulakoan nago — zioen Devandel koronelak. Ameriketako gobernuak bidalitako gizona zen hau, cowboy direlakoen kontra. Berak zaintzen zituen ba, inguruko mendi haiek —. Erne ibili indioekin, ze bestela gauza baitira mendi lepoa igarotzeko! Eta hark bazekien esaten zuenaren berri. Berehala egundoko euri jasa hasi zuen. Denak dendetan eta ondoko furgoietan babestu ziren. Gazteenak ez. Haiek han gelditu ziren zain, mendi lepoari begira. Ibilbide hark izena beldurgarria zuen: Hiletaren ibilbidea esaten zioten. — Ezer ikusten al duzu Harris? — galdetzen dio gazteenak. — Ezer ez, Jorje! — erantzun zion besteak. — Hala eta guztiz ere, ziur nago indioren bat hemendik pasatzeko prest dagoela. Kolorado aldean asaldatu direnei mezuren bat bidaltzeko. — Bada hala bada edo ez bada, berdin zait. Pasatzen hasten bada, bertan xehetuko dut nire riflearekin. Eta zuk badakizu nik punteria ona dudala. Pentsatu bezala, hara non ikusten duten mendi lepoaren hasieran zaldi eder eta handi bat. Zuri zuria, lepagain eder bat zuelarik eta isats ugari eta iletsua. Bere gainean zaldun bat, bularraren kontra zerbait edo norbait zeramala. — Jo tiro! Eta bat batean bi tirok urratu zuten airea. Zaldiak bere sabel ederretik odola zeriola lur jo zuen. Bi erbi baino bizkorrago abiatu ziren Harris eta Jorje indiarraren kontra. Ez bazuen errenditu nahi, bertan akabatzeko prest. Eta, izan ere, ez baitzegoen beste biderik. Horri deitzen zitzaion Belazetako Lege zorrotza. Zelatariak inguratu zitzaizkion. Eta Harrisek piztu zuen linterna. Mutil indartsu bat zen lurrean zegoena. Azal zuri samarrekoa, eta begi urdinak. Haien arrazan ez ziren ezaugarri horiek oso normalak. — Hau ere harrapatu diagu ba! Ez du edozein denik ematen. Honek txeieneodoleko indiarra dirudi! Indiar gazte hark maltzurki begiratu zion. Bere inguruan zerbait aurkitu nahiko balu bezala. — Aizu, Harris! — erantzun dio Jorjek —, uste dut indiar hau norbaitekin zetorrela. Ez dut uste bakarrik zetorrenik. — Ea bada, begiratu inguruan. Gu, goazen koronelarengana preso honekin. Oraindik esna al dago? — Hala uste dut. Ze oraindik John Maximekin hizketan ari baitzen — erantzun zion beste soldaduak. — Ondo dago. Guk eraman dezagun ba indiar hau koronelarengana. Eta zuek begiratu inguruan. Ze bere besotan ume bat zeramala uste baitut. Laster ziren koronelaren dendan. Denda hau besteak baino altuagoa zen. Eta kono baten forma zuen. Inguruan haga asko zituen babesteko eta trinko mantentzeko. Barruan beheko sua piztua zeukaten. Han zegoen lehen aipatu dugun John Maxim ere. Gizon honi indiar agentea deitzen zioten. Abenturazale porrokatu horietakoa. Beldurraren zipitzik ezagutzen ez zuen horietakoa. Koronelaren izena Devandel zen. Altxa zituen begiak lasai eta begiratu zion ekarri berria zuten indiarrari. Eta hala galdetzen dio: — Nor zara zu? — Ni? Gautxori naiz — erantzun zion indiarrak harrosko. — Zure jazkeragatik txeieneodolekoa zarela esango nuke. Ez al dakizu zure herrialdea eta gu borrokan gaudela? Orduan zergatik nahi zenuen hemendik pasa? — Arapaho odoleko buru den Ezkerrari bere alaba eramateko agindua nuelako. Bere alaba Minnehaha da. — Gezurra da hori! Gezurretan ari zara. Ze buruzagi batek ezin dezake honelako burugabekeria bat egin. — Nik agintzen didatena betetzen dut. Ez besterik! Orduan koronelak galdetzen dio John Maximi: — Zer derizkiozu? — Ez dut uste indiar hau txeieneodolekoa denik. Begiratu bestela bere azalaren zuriari eta begien urdinari. Esango nuke siux odolekoa eta azal zuriko emakume baten semea dela. Txeiene dela adierazi nahi du baina, hor lepoan zintzilik daraman harri urdina, siux odolekoek bakarrik eraman ohi dute. Orduan koronela urduri jarri zen. Eta hala galdetzen dio John Maximi, gogotsu: — Ziur el zaude siux odolekoa dela? — Ni bai, ziur nago. Lepoa jokatuko nuke. Koronelak, orduan, hamaika galdera egin zizkion indiarrari. Noren semea zen, nongoa, zertara zihoan eta abar. Honek, ordea, entzungor egin zion, hitz erdi bat ere erantzun gabe. Isiltasun hark, oraindik ere gehiago sutu zuen koronela, eta berriro galdetzen dio haserre: — Azkenekoz: nor dira zure gurasoak? Eta orduan mutilak: — Ez ditut nere gurasoak ezagutu. — Zuriak ala indiarrak ziren? — Ez dakit. — Esan iezaguzu ze odolekoa zaren: siux ala cheyenne. — Beharbada, batekoa eta bestekoa. Baina horrek ez du axolarik. Zure gatibua naiz. Eta nik badakit gatibuen legea. Hil nazazu, eta Espiritu Handiak bere magalpean hartuko nau. Instantean ireki zen atea eta sartu ziren zelatariak, neska koskor bat eskuetan zutelarik. Azal beltzekoa, arropa bikain batez hornitua, urrezko eskumuturrekoak eta beste hainbesteko bat buruan zuelarik. Ez zen hura, itxuraz behintzat, edozein gudariren alaba. Gautxorik, haserre keinu bat egin zuen neskatoa ikusi zuenean. Eta lotsagabeki koronelari inguratu zitzaion galdezka: — Ze asmo dituzu nire lagun Gautxorirekin? — Ez dakit. Beharbada, hemendik ordubetera hilko da. Baina esaten badidazu zergatik pasa nahi zenuten Hiletaren Ibilbidea, eta esaten badidazu, zure lagun hori siux ala txeiene den, orduan, bai, beharbada erruki naiteke. — Baina nik ez dakit ezertxo ere. Nik ez dakit. Erantzun hura normala zen. Hala esan zion indiar-agenteak koronelari: — Ez dute ezer ere esango. Onena mutil hau fusilatzea izango da. Neska gorde dezagun. Eta gaur edo bihar jakingo dugu zer nahi zuten. — Fusilatu? — erantzun dio koronelak. — Zertarako nahi duzu gazte hori? — Ez dakit. Baina zerbaiten susmoa sartu zait buruan. — Ez duzu barkatzeko arrazoirik, gizona. — Bai, hori badakit. Gure gudak ez du barkamenik onartzen. Baina ez dut nik hil nahi. Eman ezazu zeuk agindua. Orduan John Maxim jaunak, besoak altxa eta lotzeko agindua eman zuen. Atera zuten handik indiar gaztea. Haizeak ulu tristea egiten zuen Hiletaren Ibilbidean. — Ba al duzu zer esatekorik? — galdegin zion John Maxim jaunak indiarrari. Honek berriz, neskatoari begiratzen zion. — Ez, ez dut ezer esatekorik. — Orduan, buka dezagun ahalik eta lasterren. Kendu hemendik neskato hori. Handik une batera, fusilen deskarga entzun zen. Eta geroxeago tiro hots hotz bat. Errematea zen. Indiar hark ez zuen aiene bat ere bota. Kanpalekura itzultzerakoan, zaldi eder baten irrintzia entzun zuten. Han zegoen zutik zaldi zuri ederra. — Arraioa! — esaten du Harris jaunak. Oraindik bizi al da? Zaldi hura bost bat segundutan egon zen zutik. Gero, ordea, azkeneko irrintzia jaurtiz, lur jo zuen. II — Devandel jauna — esaten dio Maxim jaunak —, Gautxori hil da. Ez dakit zer odoletakoa zen. Behar bada, siux, txeieneedo arapaho. Berdin da. Bat gutxiago. — Hil da, hil da! — erantzun dio koronelak —. Eta horrekin asko pozten naizela uste al duzu? — Eta zergatik, bada? Ez da fusilatzen dugun lehenengoa, ezta? — Ez, ez da lehenengoa, ezta bigarrena ere. Baina, hau desberdina zen. Hilketa bat izan balitz bezala harra sortu zait barruan. — Belazeko Lege Zorrotza bete besterik ez duzu egin. — Bai, hala egin dut. Baina, zein gogorra den guda! — Devandel jauna: entzun al duzu zaldiak bota duen azkeneko irrintzia? — Bai, entzun dut, bai. Bizirik al da oraindik? — Bizirik zegoen, baina jada ez. Nahiago nuke. Sekula ez dut ikusi halako zaldi zuri eta ederrik. — Zuria esan al duzu? — Bai, koronela. — Besteak baino handiagoa tamainaz? — Ikaragarria tamainaz. Besteak baino handiagoa. Orduan, koronela aulkitik altxa eta ezinegonik paseiatzen hasi zen gela barruan: — Baina, ze gauzak ari dira gaur gauean gertatzen? Ze zoritxarrak dauzkat nere zain? Badira hogei urte haien zain nagoela. — Zer gertatzen zaizu, koronela, zer? — galdetzen dio John Maxim jaunak. Baina koronelak ez zion erantzun, eta zaldia ikustera joan zen. Iritsi zenean lauzpabost hegazti harraparik hegan egin zuten. Sarraskiaren zain zeuden. Koronelak berriz, hura ikustean, oihu latz bat bota zuen: — Red, nere Red. Hogei urte pasa dira eta oraindik ezagutzen dut. Indioen ipuinetako zaldia zen. Nolatan etorri zara nire ingurura hiltzera? Nork eman ote zion indiar gazteari? Eta haren ondoan John Maxim zeharo harrituta. — Eta nik, han utzi ditut nire semeak etxaldean! Emakume hark aurkituko ditu eta desegingo! Orain batik bat, ze indioen hiru tribuak asaldatuta baitaude! — Koronel jauna, ikus dezagun: zer ikusia dute zaldi honek, emakume batek eta zure semeek? Badira sei urte elkarrekin borrokan ari garela. Eta ez didazu sekula horrelako ezer ere esan. — Hobe izango da behingoz kontatzea. Horrela lasaitu egingo naiz gutxienez. Berriro dendara sartu ziren eta sua indartu zuten. John jaunak Ginebra botila eskaini zion koronelari. — Ea, edan ezazu, honek ausardia emango dizu eta. Koronelak berehala basokada Ginebra edan zuen. — Esatera noan hau duela hogei urteko gauza da. Hasi berri nintzen belazetan gora eta behera. Ehiztari hutsa nintzen. Artean indiarrek azal zuriko gizonen beharra sentitzen zuten. Bai armak lortzeko, bai edariak eta jantziak lortzeko. Batzuek ez ziren itzuliko. Baina horrek ez ninduen beldurtzen. Harreman onak nituen indiar batzuekin. Baina halako batean siux izeneko indioen hatzaparretan erori nintzen. — Haiek dira, hain zuzen, belazeko gaiztoenak — esan zion John jaunak. — Ezagutzen al duzu Zaldi Zuriaren ipuina? — galdetu zion koronelak. — Beno, zenbaitetan entzun izan dut, badela zaldi bat hemen besteak ez bezalakoa, zuri- zuria, lepagaina iletsu eta buztan oparoz hornitua. Eihztarien hatzaparretatik ihes egiten dakiena. Baina, badakizu, hainbeste gauza entzuten baitira. . . — Bada, orain badakizu; ipuin hori egia da. Baina jarrai dezadan aurrera. Indioen hatzaparretan nengoen ni. Eta galdutzat jotzen nuen nire burua. Halako batean Mohati-Assah tribu buruak deitu ninduen eta esan: — Badakizu gure ipuinetan sarri aitatu ohi dela zaldi zuria? Bada, hemen inguruan dabil. Ikusi berria dute. Oraindaino inork ez du harrapatu ahal izan; zu izan zintezke gauza. Hala egiten baduzu, libre utziko zaitut. Eta ez hori bakarrik, baita nere alaba emaztetzat emango dizut ere. Eta uko egiten badiozu, oinaze makilara eramango zaitut, eta zure ilegorria, nire ezkutuaren hornigarritzat hartuko dut. Beraz, pentsa dezakazunez, onartu nuen erronka hura. Hurrengo egunean han ikusten nauzu belaze berdean aurrera eta aurrera. Zaldi zuri eder haren bila. Non aurkituko nire bizia salbatuko zuen zaldi haren bila. Indiarrak inguruan nituen nire zain. Horrela igaro nituen aste batzuk. Halako batean, begira non ikusten dudan zaldi talde bat. Eta haien artean hara non ikusten dudan bat besteak baino handiagoa, ederragoa, zuriagoa. Ipuinak ipuin, zaldi zuri ederra hantxe zegoen. Bakarrik ez nintzen ausartu harrapatzen. Eta laguntza bila itzuli nintzen. Alferrik, ordea. Ze zaldi zuria desagertu egin baitzen. Baina han jarraitu nuen. Berriro azaltzen bazen, ez zidan aldegingo. Ez horixe! Pasa ziren beste egun batzuk. Ilunabar batean, berriro ikusten dut zaldi zuri bedeinkatua beste bospasei beltzen artean. Zaldi beltzak asaldatu egin ziren eta iheseri eman zioten. Baina zaldi zuria zuhaitz baten aurrean, zerbaitek larritu balu bezala gelditu zen. Abiatu nintzen beregana tximista baino azkarrago. Inguratu nintzaionean, sekulako ikuskizuna azaldu zitzaidan nire begien aurrean. Zaldien Errege geldi-geldi zegoen zuhaitz gaineko sugetzar bati begira. Sugetzarra hiltzea bururatu zitzaidan. Baina, ez nintzen ausartu, ekitaldi hartan zaldia zauritu ez zedin. Hasi ginen, bada, borroka bizian, sugea eta ni. Atera nuen nere mendi- labana. Zaldiak ez zuen ihesirik egin. Eta hantxe egon zen erne, begira. Sugea hil zenean, poz intziriak bota zituen eta bere lepo ederra nere aurrean jaitsi zuen. Eskerrak eman nahi izan balizkit bezala. Bazirudien zaldiak bere gainean jartzera gonbidatzen ninduela. Heldu nion lepagaineko ile- tatik eta atera zen handik tximista baino ere bizkorrago. Siux tribuen kanpalekuan irabazle bat bezala sartu nintzen. Ikusteko zen haien harridura ni zaldi haren gainean ikusita. Mohati Assah jaunak hala esan zidan: — Manitu Jainkoak lagundu zaitu. Gaurtik aurrera, zure bizitza sakratua izango da guretzat. Lehendik zin egin nuen, zaldi hori harrapatzen zuenarentzat izango zela nire alaba. Beraz, zurea da Jalta nere alaba. Har ezazu. — Eta zer? Halako indiar gorrotagarri batekin ezkondu zintuen, ezta? — Ez pentsa batere itsusia zenik, Eder- ederra zen. Baina odol desberdinekoak izan eta gure artean laster gorrotoa izan zen lege. Bera izan ohi zen gudari gogorrena. Gatibuak kupidarik gabe zigortzen zituen. Gero eta gogorrago egiten zitzaidan etsai batekin bizitzea. Beraz, ihes egitea erabaki nuen. Egun batean, ekaitza egiten zuen. Hark sortu zuen aztoramena aprobetxatuz zaldi zuriaren gainera igo eta alde egin nuen. Pasa ziren urteak. Mexikoko gudan parte hartu nuen. Diru dezente irabazi nuen eta mexikar batekin ezkondu nintzen. Gero San Felipe deritzaion etxaldea sortu nuen. — Eta Jalta, zer? - galdetu dio John Maxim jaunak. — Ahaztu ere egin nuen ia. Baina egun batean, nire langileek etxaldean gezi bat aurkitu zuten. Gezi haren punta odolez margotuta zegoen. Badakizu zer esan nahi duen horrek. — Indioentzat mendeku seinalea da hori — esan zion Johnek. — Hori da. Jalta nire atzetik ibili zen, eta, azkenean, aurkitu ninduen. Nire seme-alaben beldur nintzen batipat: Jorje eta Mary. Ama aspaldian hila baitzen. Ehizera nindoanean batez ere, beldurtzen nintzen. Hirutan nahi izan zioten etxaldeari su eman, eta beste hirutan hil nahi izan ninduten. Azkenik, bazter hauek uztea ere pentsatu nuen. La Sonora aldean baditugu emaztearen aldetik lurrak, eta hantxe finkatu nahi nuen. Baina gero, ordea, guda madarikatu hau sortu da, eta hementxe naukazu. Gobernuak gudari zahar guztiei dei egin zien. Prestatzeko gudarako. Eta ni honantza bidali ninduen, beharbada inguruan den lekurik garrantzitsuenetako bat. Hau baita siux tribuaren atea. — Siux tribuaren atea. Beraz Jaltaren gudarien atea, ezta? Baina, nola ez zenuen zaldi hori zurekin eraman? — Indiar batzuek lapurtu zidatelako. Beharbada Jaltaren menpean zeuden indiar batzuek. — Eta ez al zenuen emakume horrengandik seme alabarik eduki? Koronelak kezkati begitaru zion indiar agenteari: — Bada, egia esateko, ez dakit. Hiru hilabete besterik ez nituen tribu horrekin egin eta... — Ia ia damutua nago indiar hori hil dudalako — esan zion orduan John Maxim jaunak —. Berak esango zigun zerbait. Berharbada. Akaso neskak mingaina askatuko balu. . . Beharbada gauza asko argituko lizkiguke. Minnehaha han zegoen, lo itxurak eginaz. Bapatean, tiro hotsak entzun ziren: — Hartu armak, hartu armak. Indiarrak datoz... Koronela eta gidaria irten ziren kanpamendutik trumilka. Mendi zintzurrera abiatu ziren. Han pertsona askoren itzalak nabari ziren. — Bakoitza bere postura! — deihadar egin zuen Devandel jaunak. Kantuak baino bizkorrago, gudariak mendi lepoan zabaldu ziren. Devandel zelatariengana zuzendu zen. Hauek Harris eta Jorje ziren. Indiar batek mendi lepoa gurutzatu nahi izan zuen. Tiro egin eta bertan hil zuten. Baina nola jakin gabe Gautxoriaren gorpua askatu eta beraiekin eraman zuten. Gauzak bere onera ekarri baino lehen, oihu berri eta larri batzuk entzun ziren Hiletaren Ibilbidetik: — Ikkistkota-k datoz, ikkistkota-k datoz...! III Koronela eta John dendetara itzuli ziren bitartean, gudari boluntarioak mendi lepoan finkatu ziren. John Maxim maltzurrak zerbait hartu berria zuen indiarren eskutik. Paper bat zen, eta koronel jaunari erakutsi zion. Hartu zuen Devandel jaunak paper hura. Gutun bat zirudien. Irakurritakoan, hainbeste larritu zen, ze lagunarengan bermatu beharra izan baitzuen ez erortzeko. Eta orduan gidariak: — Koronel jauna, koronel jauna, zer gertatzen zaizu? —Banekien bai, banekien! — erantzun zion honek —. Nire seme-alabak, nire seme-alabak! — Hil al dituzte? — Ez oraindik. Baina, paper hau agindu bat da. Ezkerrari agintzen diote. Ezkerra arapahon leinu burua da. Bestea Galdara Beltza da. Bi hauei agindua ematen die: hiltzeko nire seme-alaba eta desegiteko etxaldea. — Eta nork izenpetzen du? — Jalta sorginak! Indiar agenteak zelatatxo bat egin zuen dendatik. Oraindik ere han ote zeuden delako ikkistkota madarikatuak. Baina bazirudien kanpoan isiltasun lasai bat nabaritzen zela. — Edan ezazu, koronel jauna — esan zion — etsaiak atzera jo dute eta. — Ez ote da hemendik beste korreo eta ho- rrelakorik pasa? — Ezinezkoa da. Bestela, ondo ikusiko genituen. Ez ezazu dudarik izan. Baina koronela ez zegoen lasai: — Nire seme-alaba, nire seme-alaba! — zioen behin eta berriro. — Ezin duzu mendi zintzur hau utzi. Ez ezazula horrelakorik pentsa. Bestela, siux gorrotagarri horientzako bidea zabalik geldituko litzateke. Orduan bai galduak ginatekeela. — Bai, bai, badakit nik hori. Baina nire seme-alaba, zer? — Beno, beno — esaten du John Maxim jaunak — Bidal nazazu gudari boluntario batzurekin. Guk salbatuko ditugu zure umeak. Ezkerra baino lehen iritsiko gara. Ez ezazu zalantzarik izan. — Baina, hori hain baita arriskutsua. Ze, belazeak indiar asaldatuen mendean baitaude — esan zuen koronelak. — Baina ez da ezinezkoa. Ea, anima zaitez. Lagun diezadatela Jorje eta Harris gudariek. Hauek badakite ongi asko Azal Gorri indiarren berri. Nirekin eramango dut Minnehaha. Ongi etorriko zaigu. Beraz, denborarik galdu gabe, John Maxim jaunak fusila eta bi pistola hartu eta Minnehaha neskatoa esnatu zuen. Deitu zien bi zelatariei. Eta abiatzeko prestatu ziren. Koronelak agur bero bat bidali zien. — Eta neska indiarra, non? — Egon piska bat, oraintxe bertan bidaliko dizut. Eta denda barrura sartu zen. Baina une hartantxe, Minnehaha neskatoak matxete bat bizkarretik sartu zion koronelari gogorki. Gezurra zirudien neska txiki haren gorrotoak. Eta honela zioen matxetea sartzen zion bitartean: — Orain siux tribuak bidea zabalik izango du pasatzeko. Eta tximista bezala atera zen kanpora galdetuz: — Non igo behar dut? — Jarri nire ondoan — erantzun zion John jaunak. Eta eskutik heldu, eta igotzen lagundu zion. Abiatu bezain laster, berriro mendi lepoan tiro zaparrada hanndia entzun zen. Berriro siux indiarrak erasotzen ari ziren. Amorru biziz. Mendi lepo hura hain baitzuten beharrezko indiarrek. Han mozten ziren haien ibilbide guztiak. Hura menderatzen bazuten, belazeetarako bidea zabalik geratuko zitzaien. Eta gainera, laster etortzekoak ziren ekialdetik (sortaldetik) txeieneindiarrak. Eta mendebaldetik arapaho tribukoak. Nola elkartu mendi zintzur hura igarotzen ez bazuten? Tiroketa hura entzutean, hiru bidaiarien zaldiak ere urduri jarri ziren. Itzultzeko gogoa sentitzen zuten. Baina, ezin, koronelaren umeak arriskuan zeuden, eta haiek ez salbatuez gero, nork egin zezakeen? Beraz, aurrera jarraitu zuten. Orduak eta orduak ibili ziren. Zaldi eder haiek erraz zihoazen aurrera oinkada arin eta bizian. Egunsentiak argitu zuenerako pinuak eta zedroak azaltzen hasi ziren. Seinale garbia belazeak, zelai zabalak, inguruan zeudela. IV Amerikar abenturazaleak aspalditik zebiltzan ibili indiar lurretan. Beren ibiltze horretan, zer lur ikusi, hartaz jabetzen ziren. Azalpenik gabe. Beraz azal gorriek barru- barruko gorrotorik biziena sentitzen zuten gizaseme zurien aurka. Are eta gorroto gehiago, ze azal zurikoek haien arraza desegin nahi baitzuten. Ez zioten kolono zuriari egunik barkatzen. Beti prest zeuden erasotzeko. Baina batzuetan beren artean ere haserretzen ziren eta erasotzen. Baina azkenik, eta bazen garaia, pentsatu zuten elkartu beharra zegoela. 1.863garren urtea zen. Eta elkartasun hori gabe, hiltzera eta ezabatzera zihoazen dudarik gabe. Beraz, bere etsaiekin elkartu ziren azal gorriak: Belazeak indiarrentzat! Hori zen guda deihadarra. bestela galdu gara. Hori baitzen egia. Kolonoak nonahira iristen zirelarik, lurra erein eta landatzen zuten. Eta orduan eta ehizarako lur gutxiago indiarrentzat. Hauek ehizatik bizi baitziren batik bat. Azal gorriek alferrik azaltzen zituzten beren kexuak. Ipar Ameriketako lehendakariek ez zuten ezertxo ere egin gauzak hobetzeko. Alderantziz, ze betiko lurralde haien nagusi izan zen indiarra ezabatu nahi baitzuen gizon zuriak. Hori ikusirik, indiarrek bere aldetik zuzendu nahi zituzten gauzak. Eta nozbehinka enbata bezala etortzen ziren gizon zurien aurka. Beraz, hiru tribu elkartu ziren: Siux izenekoak, denetan indartsuenak; txeieneeta arapaho indiarrak. Denen helburua gizon zuria desegitea zen. Indiarren matxinada gogor hura ikusi zuen gobernuak ere. Gudari boluntarioak bidali zituen. Baina ia denak indiarren esku hil ziren. Denak ez, ze Devandel koronelak, larri, baina bere larrua salbatu zuen. Eta Laramie izeneko mendi lepoan babestu zen bere berrogeita hamar gudariekin. * * * Iritsi ziren azkenean zelai zabaletara. Zein bide hartu behar zuten eta abar erabaki zuten hiru zaldunek. Zelatariari jarraituko zioten eta, ahal zuten azkarren, korreoarekin elkartzen saiatuko ziren. Bazen han nonbait Salado izeneko laku bat. Harantz abiatuko ziren, handik pasatzen baitzen korreoa. Beraz, urrats bizian abiatzera zihoazenean, Jorjeren zaldia aztoratu zen. — Sooo! — esaten du Jorjek —. Norbait dago hemen nonbait ezkutatuta. Beste bi lagunak fusilak prestatzen hasi ziren. Eta Jorjek: — Norbait ezkutatuta dago hemen. Nire zaldiak zerbait nabaritu du. Berehala belar luzeen atzetik zaldi baten irrintzia entzun zen. Denak geldi-geldi zeuden nor azalduko zain. Laster beste irrintzi bat. Baina ez zen inor azaldu. ~ Zaldi basatiren bat izango da — esan zuen gidariak —. Ingura ditzagun belar hauek eta egon gaitezen erne. Une hartan zaldi bat azaldu zen belar luzeen artean, zela eta guzti. Tximista baino arinago zihoan, urrutiko zuhaitz artean galdu arte. — Nor ote da bere jabea? Begira dezagun. Hitz hauek bukatu baino lehen, egundoko oihu garratz bat entzun zuten inguruan. Bi pistola tiro ere entzun ziren. — Aurrera lagunak — esaten du Johnek —. Norbait hiltzen ari dira. Hiru gizonek aurrera jo zuten, ibai uholdetuaren ingururaino. Gizon altu bat ikusi zuten uretan sartuta hartz beltz handi baten kontra borrokan. Gizon hark laban zorrotz eta luze bat zeraman eskuan. Eta han ari zen jo hemendik eta jo handik, hartza nola menderatuko. Baina hartza, hain handia baitzen, eta zaila izaki hura menderatzea. Hiru gizonak oihu latzak bota zituzten hartzaren atentzioa bereganatzeko asmoz. Baina, animalia haren begiak sutan zeuden, etsaiaren kontra sua zeriela. Zaurituta zegoen. Eta animalia zauritua baino etsai okerragorik ez dago. Hiru gizonak, berriz, fusilak harantz zuzentzen zituztela, noiz hartz madarikatu hura tiroz josiko. Une batean, ordea, hartzak alde batera mugitu zuen lepoa, une batez zerbaitek atenzioa irabazi balio bezala. Geldirik egon zen instantea aski izan zuten ehiztariek, perdigoi eta bala zaparrada bere kontra botatzeko. Hartzak bere sabela zauritua sentitu zuen. Hasi zen mozkor bat bezala balantzaka, eta laster lur jo zuen, bere gorputz haundi harekin. — Hil da — esan zuen Harris jaunak —. Ez dut behin ere hain animalia basatirik ikusi. Jaitsi ziren zaldietatik eta ibai uholdetura inguratu ziren. Han zegoen gizona oraindik ere larri aurpegiarekin, neka-neka eginda. Hor nonbait ibili baitzen hartzarekin. Eskerrak hiru haiei, bestela heriotza ziurra zuen. Gizon hura altua zen, ez lodi ez mehe, ez zahar ez gazte. Bazirudien ikaragarrizko indarra zuela gorputzean. Zein odolekoa ote zen? Zaila galdera, ze Mexikoko gambusiar jantzita baitzihoan. Urre bilatzaileak hala ibiltzen ziren. Ez zirudien zeharo indiar. Odol-nahasi antza gehiago zuen. — Egun on jaunak — esan zuen —. Bizia salbatu didazue! — Ba! Hori ez da ezer. Hori ere belazeko legea da. Ez al da normala zelai hauetan arriskuan dagoenari laguntzea? Zer zabiltza, urre bila-edo? — Halaxe nabil bai — erantzun zien ezezagunak —. Meategi bila nabil. Une batez, ganbusiarak, neska indiarrari begiratu zion. Elkar begiratu ziotenean, halako zirrara berezi bat nabaritu zuten biek ala biek; hitzik gabeko hizketa. Besteak ez ziren horretaz jabetu. 'Minnehaha neskatoak irribarre ere egin zion. Nondik zatoz? — galdetu zion John jaunak. — Mendietatik — erantzun zion gabusiarrak. Laramie aldetik? — Bai jauna. — Eta ez al zaituzte siux indiarrek eraso? — Beno, eraso, eraso… Ganbusiar bat, bere etxean bezala ibiltzen da lurralde hauetan. Zaila da, beraz, ganbusiar bat harrapatzea. Eta zuek zer? Ez zarete ba Devandel koronelaren mutilak izango? Zera, Hiletaren zintzurrean egon ohi diren horietakoak, bai ala? Egia al da? — Bai, egia da. Eta zuk guzti hori dakizula, nola ez diozu zure fusila berari eskaini? — Nola ba? Nire azalez indiarra dirudit. Aski litzateke nire azala ikustea beste mundurako pasaportea lortzeko. Espiritu Nagusiaren ingurura bidaltzeko. — Arrazoia duzu, bai. Eta orain nora zoaz? — Indiarren matxinadatik iheska noa. Norabiderik gabe. Eta zuek, nora zoazte? — Kanpa aldera — erantzun zion Johnek — Salado lakutik ateratzen den korreo batekin elkartu nahi genuke. Gu ere iheslariak gara. Ganbusiarrak irribar zital bat bota zion. — Gudari iheslariak! Ez dut sinesten — esaten die —. Beste eginkizunen batera joango zarete zuek, ezta? — Badaiteke, badaiteke — moztu zion indiar agenteak —. Gurekin etorri nahi al duzu? Nik, bai pozik, zuek ados baldin bazaudete. — Itzuliko al da zure zaldia? — Horixe baietz, hark ez du nire arrastorik galduko, ez. — Zoaz ba bere bila. Guk bitartean hartzaren hankak egosiko ditugu. Goseak gaude eta. Gaur gaua Sarraskiaren Misioan pasa behar dugu. Beraz azkar ibili. — Ondo dago. Laster naiz hemen. Gizon hark berriro neska indiarrari begiratu zion. Eta honek hari. Ezagunak ote ziren, bada? Hartu zuen bere labana eta zaldi bila joan zen. V Hiru gizonek atzetik begiratu zioten gizonari. Bai tipo xelebrea. John eta Harris hizketan hasi ziren: — Zer derizkiozu adiskide — galdetzen dio Indiar agenteak —. Hauxe bai tipo xelebrea. Nahiago nuen aurkitu ez bagenu. — Bada, ez dio axolik. Bera bat da, eta gu hiru. Komeni ez bazaigu Kanpara iristean tiroka emango diogu pasaportea.. . Harris isilik geratu zen. Minnehaha isil- misilka baitzetorren haien ingurura. Hizketaldia entzun nahiko balu bezala. — Zer egiten duzu hemen, neska — John Maximek —. Zertan ari garen entzun nahi al duzu? — Ez, ez, errekaren soinua entzutera inguratu naiz. — Ba, zoaz urrutiago, arranopola! Neskatoa harkaitz baten gainean tinkatu zen. Handik ikusi eta entzun zezakeen ibaiaren burrundara. Apar apurtxoak ere bereganaino etortzen zitzaizkion. Harris eta Johnek elkarri begiratu zioten. — Neska honek lanak emango dizkigu —esan zuen Harrisek. — Nik ere halaxe pentsatzen dut — erantzun zion Johnek —. Infernukoa dirudi. Bere begirapenak beldurra ematen dit. Une hartan ganbusiarra azaldu zen, bere zaldi ederraren gainean. Hanka luze eta lepa-zurda ederreko zaldia, benetan. Prestatu ziren abiatzeko. Hartzaren zati batzuk gorde zituzten janari gisa. Beste guztia han geratu zen, otsoen janaritarako. Prestatu zituzten fusilak eta abiatu ziren bizi-bizi. Eguerdia iritsi zen, eta zaldiak deskantsu on baten beharrean zeuden. Atsedena eta janari ona behar zuten. Arto gailetak eta belar gozoa. Siesta garaian otso talde baten uluak entzun zituzten. Arranopola! Ez zen hura oso bisita atsegina. Alde batetik; bestetik, ordea, seinale ontzat eman zitekeen, ze otsoak indiarrengandik urruti ibiltzen baitira. Badaezpada ere. Hala ere, alukeria bat zen haiekin toreaketan hasi beharra. Eta haien ulu garratzek ez al zituzten inguru haietako azal gorriak ekarriko? Auskalo! Bazihoazen aurrera eta aurrera. Eguraldiak aurpegi beltza ipini zuen. Eta laster hasiko zen ekaitza. Hala zirudien behintzat. Esan bezala, berehala ekin zioten tximista eta trumoiek, bidea argitzeraino. Eta atzetik otsoak. Azkenik ara non ikusten duten Sarraskiaren Misioa. Gero eta zaharragoa eta eroriagoa. Baina hantxe. Hormak ikaragarrizko pitzatuekin, dorre bat trinkoagoa. — Ara, ara Sarraskiaren Misioa — oihu egiten du Johnek. — Arranopola! Hemen ez ziren indioak txantxetan ibili — esaten du Harrisek. — Ez ziren indiarrak izan. Mexikarrak izan ziren. Lepero deritzaie. Heldu zaldiei uhaletatik eta sar gaitezen barrura. Ea non pasa dezakegun gaua. Itzulitxo bat eman eta sartu ziren. Sabaia erorita zegoen. Hormak pitzadura handiekin. Inguruan bazen zerekin su egin. Ze dena habe eroriaz, ohol zaharkituez josia baitzegoen. Sua egiteko behintzat arazorik ez. Hartzaren zatiak berotuko zituzten afaltzeko. Haragi usain hark, otsoen gose glandulak bizitu zituen. Ulu gosetu eta odoltsua botatzen zuten. Kanpoan zeuden erasotzeko gaua etorri zain. Eta Johnek: — Ez dira asko, eta ez dut uste gure aurka ausartuko direnik. Eta Harrisek: — Aspaldi xehetu al zuten Misio hau? — galdegin zion. — Badira hamar urte. Misiolari batzuk etorri ziren honantza azal gorriak kristautzera. Eliza hau altxatu zuten. Baina azal gorriak ez ziren hainbesteko arazo. Okerragoak ziren lepero izeneko bide lapurrak. Gobernuak izan zituen hamaika buruauste beraiekin. — Eta gero erruak indiarrei botatzen zizkien, ezta? — erantzun zion gabusiarrak. — Bai jauna, hala gertatzen zen — esan zuen indiar-agenteak —. Gobernuak gudari talde boluntario bat bidali zuen haien kontra. Lapurrak, ordea, Misio honen barruan babestu ziren. Gu azaldu ginenean tiroka hartu gintuzten. Ni ere tartean nintzen eta horregatik ongi dakit hemengo berri. — Asko al zineten? — galdegin zion Jorjek. — Ehunen bat edo baginen. Gero, ordea, tiro hotsak isildu ziren. Barrutik ez zutela erantzuten eta sartu ginen, bada. Han ikusi genituen ehunen bat fraile lurrean etzanda, hankak eta eskuak zeharo lotuta. — Baina bizirik, ezta? — galdetu zion Harrisek. — Egon, egon piska bat. Gero Misio guztian ibili ginen lapurren bila. Baina ez genuen ia inor aurkitu. Leihotan hiruzpalau hilak, besterik ez. Fraileek ziotenez, behar bada irtenbide sekreturen batetik aldegin zuten. Bestela ezin zitekeen ulertu. Fraileen nagusia kanpoan omen zen nonbait, erlijioa erakusten. Hartan ari ginela, fraile guztiak kanpora atera ziren nagusiarengana zihoazela esanaz. Hari esan behar ziotela eta zer gertatu zitzaien. Guk ez genien ezezkorik esan. Normaltzat jo genuen. Baina, ba al dakizue zeintzuk ziren fraileak. — Gaizkileak, ezta? — oihu egin zuen Harrisek. — Bai, jauna. Gaizkileak beraiek. Fraile guztiak hil eta gela batean metatu zituzten, zaku zaharrak bezala. Gero haien jantziak zituztela, disimulo ederrean alde egin zuten. Geroxeago aurkitu genituen fraile gizagaixoak denak hilda, era lotsagarri hartan. — Hori duk hori! — Haiek bizkorrak — esan zuen Johnek. Eta ganbusiarrak: — Hori duk hori adarra jotzea. Baina ez ziren luzaroan ondo ibili. Ze gure kapitaina biziki hasarretu baitzen halako irriarekin. Ez zuen atsedenik izan haien aztarrenak bilatu arte. Behin Korreos bisitatu behar zuela eta, abiatu ginen bere mendean. Gau txarra zen. Hotza eta elurra. Baina guk ez genuen ez hotzik ez nekerik sentitzen. Ze eskaini ziguten ordaina berebizikoa baitzen. Gau erdia zen. Eta gu Misio honetara inguratu ginen. Gaizkile haiek sotoan zeuden, asko, jan eta edan. Ez zuten halako bisitarik espero. Aztoratu ziren gure berri jakin zutenean. Guk errenditzeko esan arren, haiek tiroka hartu gintuzten. Gu lasai. Pilatu genuen hainbat egur eta su eman genion. Hura zen ikuskizuna! Lapurrak zeuden sotoa infernu bihurtu zen. Hango negar intziri eta oihu latzak! Han erre ziren denak. — Gure haragi hau ere erreko da deskuidatzen bagara — esan zuen Jorjek. Berehala murru arteko pitzadura guztietatik otso mutur luzeak azaldu ziren, haragi usain gozoak zirikatuta. Anda demonio, esaten du Johnek, bisitariak dizkiagu. — Adiskideak — dio Johnek —, afal dezagun azkar eta aurrera dezagun egurra! Eta ganbusiarrak: su bikain bat egiten badugu, ez dira inguratuko. Otsoak han zeuden gizon haiei begira, inguratzera ausartu gabe. Baina haragiaren usaina! Hain baitzen zirikagarria! Harrisek: — Beno, beno, ez dira hain gaiztoak; jaten ere utzi digute. Eta Jorjek: — Eta gainera, guk afaltzen genuen bitartean, musika jo digute. — Anda, demonio — indiar-agenteak — ez ibili txantxetan eta pilatu egurra. Zein arriskutan gauden ez ahaztu. Oraintxe edo geroxeago, erasoko gaituzte. Ez zalantzarik izan. — Lasai gizona, badakigu ongi asko otsoen berri- eta. Hauen lanak egingo ditugu, bai. Eta nork zainduko du neskatxa: — Kanpora botako dugu — esan zuen Harrisek —. Otsoei gozoa irudituko zaie bere haragia. Eta ganbusiarrak begirapen zorrotzez: — Ni hemen nagoen bitartean, ez duzue horrelakorik egingo! — Indiar bat besterik ez da- eta — Harrisek. — Niretzako haur bat da, eta nik defendituko dut! — Uzten badizugu, ezta? — Beno, ez hasi orain eztabaidan eta begiratu non dauden otsoak. Otsoak, berriz, kanpoan. Gero eta ugariago. Hiru gizonak suaren atzean eta zakar pila baten ondoan prestatu ziren borrokarako. Handik desegingo zituzten otsoak. Ganbusiarrak, ordea, neskatoa eskutik hartu zuen eta txoko batera eraman zuen, besteek ikus ez zezaten. Eta horrela mintzatu ziren: — Zer gertatu zaio Gautxoriri? — Fusilatu egin dute! — Ez al zaitu saldu? — ganbusiarrak. — Saldu banindu, ez nintzen bizirik egongo. — Eta nola hil zen zure anaia? Heroi bat bezala. — Jaltak ez du ahaztuko! Mendeku gogorra emango du. Eta koronelak berak egin al zuen? — Bai, aita. — Gogorra da gero aita batek bere seme propioa hiltzea! Hori ikaragarria da! — Eta egia al da, bada, hori? Gautxori koro- nelaren semea al zen benetan? — Beno, eta hori zer axola zaizu? — Beno, baina Gautxori nire anaia zen.,. — Zu nire alaba zara, ni Jaltarekin ezkondu nintzelako, zure amarekin, alegia. Gizon zuriak abandonatu zuenean. Ganbusiarrak fusila hartu zuen, ze otso bat gehiegi inguratu baitzitzaien. — Baina nik hartu dut mendekua — esan zion Minnehahak. — Zuk? — gizonak harrituta. — Ez al zion amak Gautxoriri koronela hiltzeko agindu? Bada, nire anaia hil zenean, nik neuk koronela hil nuen. Bizkarretatik sastakagaia sartu nion. — Zuk? — Nik, bai, aita, nik. — Hain gaztea eta gauza izan zara hori egiteko? Amaren odola daramazu zainetan! — Baita zurea ere, ezta? Zure odoleko Laino Gorri oso gudari ausarta eta ona izan zela entzun dut. — Nork esan dizu hori —galdegin zion ganbusiar faltsuak. — Kanpalekuan entzun dut. Sasi ganbusiarrak une hartan hiru tiro segidan bota zituen otsoen aurka. Hiru otso hankaz gora bota zituen. Eta gero Minnehahari: — Ziur al zaude koronela hil duzula? — Hala uste dut. — Eta nola ez zaituzte zu hil? — Ez nau inork ikusi. Une hartan siux leinukoak erasotzen ari ziren. Hiru hauek, berriz, zaldi gainean nire zain. Une berezia izan zen egiteko. — Zertarako nahi zaituzte zu? — Ez dakit ba, bahitu bezala edo. Arapaho leinukoa naizela uste dute. Hango buruaren alaba. Eta nolabait nik zer esango dudan zain daude. — Nora doaz? — Koronelaren seme-alaba salbatzera. — Eta Gautxorik ezer esan al zuen bada? — Ez zuen fitsik esan. Baina badakite nolabait Ezkerra harantz doala etxaldea birrintzera. — Ondo dago — erantzun zion Laino Gorrik lasai. Hara bada, gizon hura Laino Gorri zen. Eta jarraitzen du: — Gu saia gaitezen harantz irits ez daitezen. — Ez da erraza izango; oso ausartak eta in- dartsuak dira — Minnehahak. — Bai, bai, hala da, zelai haundi hauetan edozer gauza gerta daiteke. Eta Laino Gorri otsoen kontra hobeto tiro egiteko urrutiratu zen. Hauek gero eta gogorrago azaltzen ziren. — John! — esaten du Harrisek —. Etsiko al dugu hemen luzaro? Badirudi gero eta otso gehiago ikusten dela. — Bai, bai, arrazoia duzu — indiar-agenteak. — Zergatik ez gara lurpeko tunelara sartzen? — Jorjek. — Hori egitea izango da onena — Johnek —. Eskailerak zabalak dira eta zaldiak ere jaitsi daitezke. Azkar ibili Jorje; otso alu hauek laster ditugu denak batera gure kontra. Laino Gorrik gauza bera egin zuen. Eta Min- nehaha eta bere zaldia lurpeko tunelara eraman zituen. — Jaitsi gaitezen — Johnek —. Baina otsoei bizkarrik eman gabe. Jaitsi ziren denak, eta laster iritsi ziren kriptaraino. Giza hezurrak ikusten ziren. Lehen aipatu ditugun gaizkileen hondakinak, hain zuzen. Hurrena, tunelaren sarreran su haundi bat egin zuten. Eta otsoak han egon ziren ulu eta ulu, aurrera ausartu gabe. Azkenik aldegin zuten eta isiltasuna eta pakea zabaldu zen. — Alde egin dute — indiar-agenteak —. Har dezagun atseden sutondoan! Goizak argitu zuen, eta hiru boluntarioak, ganbusiarra eta Minnehaha abiatzeko prestatu ziren. Eguraldia bikaina; ezta laino bat bera ere. Zaldiak pozez gainezka ekin zioten trakatan alaiari. Haien lepagainak ikustekoak ziren : belaze berde hartan. Orduak egin zituzten. Indiar-agenteak, ordea zerbait ikusi zuen urrutian. Bista ona baitzuen hark. Piztiak edo. — Badirudi hildakoak ditugula inguruan...! — esaten du. — Zer bada? — Begira han piztiak; hildakoren baten inguruan ibiliko dira. Inguratu ziren poliki, poliki. Beldurrez, sarearte edo tranpa batean erortzeko beldurrez. Eta hara non ikusten duten gurdi bat, zeharo deseginda. Korreo seinaleak zituen. — San Luiseko korreoa da! — esan zuen Johnek. — Hiru zaldi eta bi gizon hilak daude — Harrisek. — Hil berriak dira — Jorjek. Inguratu eta frogatu zuten; lantza bitartez hilda zeuden. Haietako bat Johnen ezaguna zen. Oihu egin zuen: — Patt, Patt, San Luiseko korreo onena! Tarryala indiarrak aspaldidanik agindu zion mendeku hartuko zuela. Eta begira! — Ezagutzen al zenuen ba? — bi ehiztariek. — Bai horixe! Korreo eramaile onena zen bera! — Hau da gero mixeria. Gaur edo bihar gizon ausarta guzti hauek hil beharrean aurkitzen dira. Eta bere ile mataza, azal gorriren ezkutuaren apaingarri izango da. Honen ilea Tarryalaren ezkutuan zintzilik egongo da dagoeneko. Han gelditu ziren, sarraski-egileen beldurrez. Txeieneindiarrak ziren, zalantzarik gabe. Ze fusilak izan arren, lantzaz egiten baitzuten borroka oraindik. Belarretan eseri ziren. Bitartean ganbusiarra zelatan gelditu zen. Laster Harrisek: — Zergatik ez diguzu azaltzen nor zen Patt eta nor Tarryala? Errazago pasako zaigu denbora. — Ba, Patt hau oso ezaguna zen inguru hauetan. Korreo eramaile ausartena zen bera —esan zuen Johnek. Gau batez Tarant izeneko estaziora iritsi ziren. Han irlandar bat eta bere alaba ezagutu zituen. Denen artean, etxalde eder bat altxa, eta diru pila egin zuten. Etxalde hura egiten ari ziren bitartean, Tarryala eta bere indioak azaldu ziren. Larrua trukatu nahi zuten. Eta hain zuzen, egin zuten. Baina Tarryalari irlandarren alaba gustatu zitzaion, eta emaztetzat hartu nahi izan zuen. Irlandarrak zeharo ukatu zion. Tarryalak ez zuen fitsik erantzun. Baina larruak polbora eta fusilengatik trukatu zituztenean, zera esan zuen Tarryala delakoak: — Hau ez dut ahaztuko, aurpegi txuri! Laster izango duzue gure berri. Geroztik pikardi haundiak izan zituzten bere etxaldean. Behin, landareak sutan aurkitu zituzten. Hurrengo batean, azienda pila hilda aurkitu zuten. Bazekiten, ondo aski, nor zen gaizkile hura. Alaba bahituko zutelako beldurrez, bahitura hura gerta beldurrez, Patten korreoaren zain egon zen. Eta hala, bere alabarekin ihes egin zuen. Tarryala ordea, ez zen urruti, eta inguruan gudariak ez zituenez gero, honela esan omen zion Patt jaunari: — Aizu Patt, zuk zergatik urrutiratzen duzu nire emazte izan behar lukeen neska hori? Zu behintzat itzuliko zara, eta nik emango dizut ordaina, zure ile mataza nire ezkutuaren hornigarri jarriko dut. Pattek ordea ez zion kasorik egin. Ez baitzen beldurtia. Beti bezala jarraitu zuen korreoa eramaten. Baina indiarrak ez baitzuen mehatxua alferrik bota. Eta ikusi nola bete duen bere hitza. Bukatu zuen azalpen luze hura. Eta bat batean: — Kea, kea, ikusi kea! Goazen hegoaldera. Denak begiratu zuten. Faktoriaren bat izan zitekeen. Kanpa, agian? Kanpa izan zitekelakoan pozik zeuden gure gizonak. Harantz zihoazen lauhazka bizian. Kea gero eta nabariagoa. Dozena erdi bat mila eginak zituzten zaldi andana bat ikusi zutenean. Behor taldeak ere bai. Seinale ona zen. Ze indiarrak asko saiatzen baitziren holako zaldien atzetik. Beraz, ez zirudien han inguruan indiarrik egon zitekeenik. Baina halako batean lau zaldiek irrintzi bizia jo zuten atzeko hanketan tinkatuz. — Kargatu fusilak — esan zuen Johnek. Zaldiak ere geldi-geldi zeuden: — Hemen zer edo zer badugu — esan zuen Harrisek — Tranparen bat edo… — Noren kontra?— Jorjek — Gure kontra ala korreoaren kontra? Korreoaren kontra izango da noski — Johnek. — Pasa ditzagun zelai zabal hauek oinez, zaldiek hanketan minik hartu ez dezaten — zioen ganbusiarrak. Denak ados zeuden eta aurrera abiatu ziren. Mantso eta arretaz. Halako batean zarata gogor bat entzun zen segidan ke mordoa. Zer izan da hori? Munizio mordo bat lehertu ote da? — esan zuen Harrisek. — Behar bada — indiar-agenteak — Prest egon, laster ditugu txeieneindiarrak eta. Tranpak ipinita zeuden lekua pasa zuten. Berehala, zaldiak lauhazka bizian jo zituen. Ez zen giro izango han indiarrekin topo egitea. Beraz, jo bizi. Zehargune bat pasata gero karabana bat begiztatu zuten. Karromato batzuk ziren; zaldi sendoak tiraka. Inguratu ziren eta.. . — Nor da — karromatotik norbaitek. — Lagunak — Johnek —. Devandel jaunaren indiar-agentea naiz. — Iheslariak al zarete? — Iheslariak. Zer bada? — Zer ba. . . ? Siux indiarrek koronel jaunaren kolumna zeharo xehetu dutelako. Hiru bidaiariak zeharo zurbildu ziren. Eta gero karromatoko buru egiten zuen aitonak: — Atzo goizean edo gertatu omen da. Bo- luntario batek esan zigun. Bera hain zuzen San Luisera zihoan berri ematera. — Eta koronela? Zer gertatu zaio koronelari? — Ez dakigu ezertxo ere. Johnek beldurrez begiratu zien lagunei: — Jalta gogor hori izan da. Beharbada bere mende edukiko du koronela. Beste aldetik koronel bat bezalako gizona bizirik harrapatzea ez da erraza. Nahiago baitu hark hil preso izan baino. — Nondik zatozte? — indiar-agenteak. — Kanpa aldetik. Txeieneindiarren ihesi goaz. — Zenbat zarete? — Hogeita zazpi, haur eta emakumeak kon- tatuta. — Hemendik aurrera, nahi baduzue, hogeita hamaika izango gara. — Horixe nahi dugula! Lau gizon, onak lirateke guretzat. Lau zaldunak atzean jarri ziren. Laino Gorri atzerago berriz, alabarekin hizketan: — Entzun al duzu hori Minnehaha? — Bai, eta ez dakizu zenbat pozten naizen. — Zure amak ikaragarria egin du. Mendekua eman du. Haren helburua koronela hiltzea baitzen. Ez zitzaion axolarik Gautxori hilda ere. — Koronela, ordea, nik hil dut — erantzun zuen neskatoak harrosko. — Ai, haurtxoa! Zu zeu ere ez zatoz ama baino hobea. Hura bezain gaiztoa izango zara. Siux odola daramazu barnean. Eta gero Laino Gorrik: — Laster Ezkerrarekin elkartuko gara eta San Felipeko etxaldea desegingo dugu. VI Mendi-katera iritsi nahi zuten. Badaezpada ere Yampa izeneko ibaitik urruti. Ze han indiar asko ibiltzen baitzen. Hiru gizonek ibilalditxo bat egin zuten, indiorik ote zegoen ikusteko. Ez zuten inor ikusi. Eta atzera itzuli ziren. Une hartan bisonte talde bat azaldu zen. Laster ikusi zituen indiar-agenteak. — Ipar aldera doaz — esan zuen harriturik Harrisek. — Bai, ipar aldera. Eta harritzekoa da garai honetan ipar aldera jotzea. Beste arrazoi nagusiren bat izango dute bide hori hartzeko — erantzun zuen Johnek. — Behar bada azal gorriak usaindu eta bide horri ekin diote —erantsi zuen Harrisek. Orduan John Maxim sargentoarengana joan eta esan zion: — Ezin gintezke hemen geratu. Mugi eta abia gaitezen. Azal gorriak ez dira urruti eta. — Baina zaldiak nekatuta daude. Ez dute etsiko — erantzun zion sargentoak. — Mogallon deritzaion putzutara ailegatu behar dugu. Badago han meazulo abandonatu bat. Hara iristen bagara, salba gintezke—Johnek. — Sakonak al dira putzuak? — Harrisek. — Zortzieunen bat metro. Galeria latzak ditu. Han ondo eta seguru egongo gara. — Baina furgoi hauek ez dira han kabituko sargentoak. — Gu geuk onik ateratzen bagara ez da gutxi izango. — Eta zaldiak? — Harrisek —. Zaldirik gabe geratuko al gara? — Ikusiko dugu. Baina hala balitz ere, berriak ehizatuko genituzke. Ez ahaztu ona naizela ni lazoak botatzen. Beraz… Eta karabana han zihoan, makal-makal meazulotara iristeko asmoz. Handik onik aterako al dira?, pentsatzen zuten Laino Gorrik eta indiar-agenteak. — Ke usaina dago. Zerbait erretzen ari da zelai zabalean. Halaxe zen, izan ere. Inguruan sugarrak eta txinpartak azaldu ziren. Sua haiengana zetorren, borobil bat eginaz. — Hemendik ez gara bizirik aterako—esan zuen sargentoak. — Ahalegin gogor bat egiten badugu, iritsi gaitezke oraindik meazuloetara — Johnek. Baina berehala egundoko oihu latzak entzun ziren. Azal gorriak ziren bere guda oihuak boteaz. — Banengoen ba nik — esan zuen Johnek —. Alu hauek zelai zabalari nahita eman diote su. Guk ihes egin ez dezagun. Presta itzatzue fusilak! Sargentoa, zuk zaindu furgoiak! eta zuek, gizonok, ez urrutiratu nigan- dik. Eutsiko diogu! Baziren bi egun indiarrak karabanari jarraitzen ziotela. Segada jartzeko unearen zain zeuden. Belarra altua zen, eta ez zen ezer ikusten. Nabari bai, ordea. Emakumeak aieneka zeuden eta haurrak negarrez. Ekin eta ekin zaldiei. Baina hauek ezin zuten azkarrago joan. — Noiz hasiko gara tiro egiten? — zioen Harrisek — Desiratzen nago. — Baita ni ere — indiar-agenteak —. Orain hasiko gara. Altxa zuen fusila eta esaten die: — Burura apuntatu! Eta Laino Gorri Minnehahari: — Ez dira gutarrak. Txeienetribukoak dira! — Baina gure lagunak dira, eta ez digute okerrik egingo. — Lagunak? Zakurraren putza! Balek ez dute lagunik. — Bada, niri ez didate beldurrik ematen. Egon gaitezen hemen indiar-agente horrek zer egiten duen ikusi arte. Ahal dugunean joan eta koronelaren semea eta alaba harrapatuko ditugu. Une hartan hasi ziren su zapartak eta tiroak. VII Hasi zen borroka gogorra. Indiarrak gorroto biziz. Bere lurraldeen konkistatzaileak baitziren haiek. Baziren berrehunen bat eta han ari ziren beren ezkutuak mugituaz. — Eutsi gogor — zioen Johnek —. Zatibitzen baditugu, zerbait irabaziko dugu. Indiarrak karabanatik berrehunen bat metrora iritsi ziren. Baina kanpamentukoek fusil guztiak martxan jarri zituzten. Indiarrek atzera jo zuten. Ez denbora luzerako, ordea. Ze, ostera gogor itzuli baitziren, gorrotoz beterik. Ez zuten bakerik dena ezabatu arte. Alferrik izan zen. Azkeneko furgoia bere eskutan erori baitzen. Denak hil zituzten, eta emakumeak esklabutzat hartu. Berehala beste furgoia. Eta gauza berbera. Gizonak eta haurrak ahiztoz alderik alde pasa, eta emakumeak esklabutzat hartu. Ez zegoen zer eginik. Bakoitzak egin zezala ahal zuena. — Ihes! Ihes! — oihu egin zuen Johnek. Eta abiatu zen bere zaldi gainean. Tinkatu zizkion ezproinak zaldiari, ezproinak burdinezkoak. Indiarrek karabana inguratu zuten, borobilean. Gizonak, Harris, Jorje eta Laino Gorrik irtetzea lortu zuten. Ez besteak. Azkenetara iritsi zirenean indiar batzuk ihes egin zutela konturatu ziren. Eta han hasi zen jazarpen latza. — Adiskideak! — esaten die Johnek — bizkor ekin diezaiogun. Bestela gureak egin du. Zaldiak bikainak ziren eta eutsiko zioten, noski. Ehunen bat metrora zeuden indiarrak. — Ekin gogor! Ekin gogor! Laster salba gaitezke eta! Indiarrak atzetik zituzten. Baina ezin lortu inguratzea. Buru egiten zuenak lortu zuen zertxobait. Gutxi, ordea. Johnek ikusi zuen hori. Eta lasai begiratu on. — Hor duk nirea — esan, eta bota zion tiro zehatz bat. Zaldiak lur jo zuen baina indiarra onik atera zen. Eta Johnek: — Madarikatua! Izan duk, bai, nahiko zorte on . Hil bahindu! — Berdin da John. Zaldiak balio du berak hainbat. Azkenik mendikatea azaldu zen. Hura bai mendikate ederra. Ederra, edo gure iheslariei behintzat hala iruditu zitzaien. VIII Hegaka baino bizkorrago sartu ziren galerietan barna. Bagoneta erdoildu eta zaharren tartean. — Jo bazter batera. Ez zaitzatela kateak harrapa—esan zuen Johnek. — Zer egitera zoaz? —galdegin zion Harrisek. — Katea jaitsi. Honela ez gaituzte indiarrak harrapatuko. — Eta nola irtengo gara gero? — Egon lasai! Eta azkar! Indiarren zaldi hotsa entzuten da eta! Laino Gorri, Minnehaha, eta bi ehiztariak galerietan gorde ziren. Johnek berriz, tira zion kateari. Beraz sarrerako atea zeharo itxita geratu zen. Indiarrak haserre bizian, ez baitzuten sarrerarik aurkitzen. Barruan ez zen ezertxo ere ikusten. — Ez dut ezertxo ere ikusten — Harrisek. — Bada nik zuk baino bista hobea dut eta oroimena ere ez txarra — erantzun zion indiar-agenteak — Goazen hirugarren galeriatik aurrera. Eguzkirik ikusi nahi badugu behintzat. — Beste irtenbiderik ba al dago bada? —Jorjek. — Bai horixe! — Johnek —. Zer, bada? Hemen itotzea nahi al duzu, ala? Laster gara goian. Baina bada bidean traba bat. Laku bat dago eta igeri egin beharko dugu. — Meategietan grisu izan ohi omen da — esan zuen Harrisek —. Txarra omen da hori arnastea. — Bai, halaxe da. Baina lasai. Hemen dut seguritateko lanpara eta. Honek esango digu grisurik dagoen. Garra luzatzen bada, seinale txarra. Bestela lasai. Eta, arren, ez piztu beste surik. Plaza antzeko batera iritsi ziren. Handik galeria asko ateratzen ziren. Johnek haietako batean piztu zuen sua, luzatzen zen ala ez ikusteko. Ez zen luzatu. Beraz: — Aurrera — esan zuen —. Ez dago grisurik! Hirugarren galeria hartu zuten. Hura zen bide zuzena. Eskutik heldu eta bazihoazen. Ilunpetan baina pozik. Noizbehinka zarata sor bat entzuten zen sabaia goitik behera etorriko balitz bezala. Eta Jorjek beldurti: — Ez al zaitu zarata horrek beldurtzen? — Ez, trumoiak dirudite — Johnek—. Ekaitza normala da garai hauetan. Okerragoa, zera izan daiteke: lanparak bost ordurako errekina duela eta meategi honetatik ateratzeko denbora gehiago behar dugula. Horrek kezkatzen nau. Baina seiehun metro aurrerago beste lanpara bat aurkitu zuten. Hantxe utzia, eta bere errekina zuena. — Ai ze ederki etorriko zaigun lanpara hau! — esan zuen Harrisek. Eta gero: — Ikusi, ikusi, sugarra luzatzen da. — Itzali azkar, itzali azkar — Johnek —. Bestela denak lehertuko gara eta! Beste seiehun metro egin zituzten itsu-itsuan. Galeria zaharretatik ur tanto lodi-lodiak erortzen ziren lurrera, errekasto bat egiteraino. Eta Johnek: — Hau da, hain zuzen, lekurik arriskutsuena. Zenbat ezbehar izan ote den hemen, ezin da kontatu. Baina lasai, Itsas Hilaren inguruan gaude, eta, beraz, irteera laster aurkituko dugu. IX Indiar-agentea buru oneko gizona zen. Ez zen deusik ere nahastu. Berehala laku ikaragarri batera inguratu ziren. — Hau al da Itsas Hila? — galdetu zion Harrisek. — Bai ba, hauxe da — erantzun zion Johnek —. Baina ez da beste bazterra ikusten. Lehen berrehunen bat metro zituen. Orain gehiago dituela dirudi. — Ez dio axolarik! Beste aldetik galeriaren bat baldin badu, eta kanpora eramaten bagaitu, igeri egin dezagun behar den guztia — esan zuen Jorjek. Denak geldirik jarri ziren. Lakuari begira. Baina lakua igo eta igo ari zen. Zarata ikaragarria egiten zuen. John Maxim kezkatua zegoen. Itoko ote ziren, bada, hantxe. Azkenik fusilak eta munizioak gorantz jaso eta igeriari eman zioten. Laino Gorrik airean zeramen Minnehaha neskatoa. Aurrera eta aurrera. Berehala arroka zapal bat begiztatu zuten. Eta hantxe atseden hartu zuten. Gutxienez, putzu hura ez zen haraino iritsiko eta. . . Han geratu ziren barruko ekaitz hura amaitu arte. Amaituko ote zen? Bidaiariak kezkatuta zeuden. Noiz arte egon beharko ote zuten hantxe? Baina, bestela zer egin? Ito eta kitto? Bost pertsonak hotzez dardarka zeuden bata bestearen arrimuan. Epeldu ezinik. Horretaz gainera, goitik euri antzeko ur tanto lodi jasa erortzen zen. Denak galdezka ari ziren beren kolkorako egoera triste hura noiz bukatuko zen. Han barruan hiltzeak ez baitzuen graziarik. Kanpoan izatea, beno, politagoa izan zitekeen. Baina han barruan? Geroxeago esaten du Laino Gorrik: — Ez al zarete konturatzen haizea falta zaigula? — Bai, arrazoia duzu — Harrisek —. Seguru galeriak urez itxi direla, eta hemen itoko garela. — Hemen egongo al gara betirako ala? Nik eguzkia ikusi nahi nuke, bada — Jorjek. — Baita besteek ere — Johnek —. Hartu pazientzia. Ze arraio! Irtenbide bakarra gelditzen zaigu. Sugearen irtenbidea deritzaiona. Bere ondoan amildegi haundi bat dago. — Eta zergatik deitzen diote honela? — Harrisek. — Sugeak daudelako, hain zuzen — Johnek —. Handik irten behar dugu. — Eta sugeren bat balego zuloan? — Harrisek. — urretik begiratu beharko dugu. Joan nadin ikustera — Johnek. Hartu lanpara esku batean eta ahoan labaina haundi bat eta igerian abiatu zen. Lagunek ezkutatzen bide-buelta batean ikusi zuten. — Sartu da — esan zuen Harrisek —. Benetan gizon hori ausarta da. Eta laster Johnen ahotsa: — Salbatu gara —. Geroxeago berriro ikusi zuten lanpararen argia. Eta denek: — Ba al dago sugerik? — Pasadizoan ez. Baina kontuz. Beharbada txokoren batean. . . Badaezpada ere eraman labaina eta fusila prestu. Ahal zuten azkarren pasa zuten bide hura. Handik hamar minutura aire librean zeuden. Eta Johnek: — Eeerne! Eeeerne! Amildegi baten aurrean gaude eta. Haien oinetan amildegi ikaragarria ikus zitekeen. Zaila zen aurrera jotzea. Baina bazegoen arroka kantoi bat ibiltzeko bezainbatekoa. Berehala Jorjek: — Ikusi, ikusi sugeak! Ilara luze-luze bat ikus zitekeen han aurreraxeago. Denak bata bestearen atzetik arroka zulo batetik ezkutatu ziren. — Ibil gaitezen agudo! — Harrisek. Eta gidariak: — Lasai, denak ezkutatu arte, egon lasai. — Eta batenbatek erasotzen bagaitu? — Ez dut uste. Ikusiko dugu. Baina sugeak ezkutatu ziren. Eta bidaiariak harkaitz-kantoitik aurrera jo zuten. John Maxim aurretik. Baina hau geldi-geldi geratu zen. — Eta orain zer gertatzen da? — Harrisek — Berriz ere sugeak ala? Baina Johnek ganbusiarrari begiratu zion: — Ez al duzue ezer entzun ala? — Bai, zerbait bai. Kurruska bat. — Hartz gris batena edo...? — Horrelako zerbait — indiarrak —. Erasotzen bagaitu, amildegira eroriko gara. Johnek berriro entzun zuen kurruska latz hura. Eta: — Erne, erne! Bakoitzak bila dezala beretzako babesa. Arriskuan gaude. Bitartean ni ikustera aurreratuko naiz. Berehala ikaragarrizko hartz beltz bat begiztatu zuen. Jo zuen atzera lagunei azaltzera. Harkaitz kantoian bertan zegoen. Barrura begira. Seguru asko harpe barrura joango zen. X Indiar agentea lagunengana itzuli zen — Erne ibili, hartz ikaragarri bat da, eta hona dator!— Une hartan, neska indiarrak harkaitz-zulo bat begiztatu zuen: — Sartu hor! Sartu hor! Denontzat lekua badago! Ez zen zulo haundia baino nahikoa denak sartzeko. Han etzan ziren, isil-isilik, badaezpada ere. — Hartz horrek nabaritzen ez bagaitu, joaten utziko diogu. Gogorrak dira, eta, hamaika bala bota arren, ez genuke hain erraz hilko. Han zetorren hartza. Lasai, bideko landareak janaz. Eta zuloaren ondotik pasa zen. Ez zuen gizasemeen aztarrenik usaindu. Abenturazaleak lasaitu ziren. Baina, bat batean, hartza zerbait entzun eta usaindu balu bezala geratu zen. — Nabaritu gaitu — oihu egin zuen Johnek — Prestatu zaitezte borrokarako. Han itzuli zen hartza marruka bizian ibiltarien aurka. Indiar-agenteak bota zion tiro bat burura, baina ez zuen zeharo zulatu. Hartzak atzera jo zuen. Besteek tirokatu zioten baina ez zuten harrapatu. Eta Harrisek: — Bizirik ote dago? — Ez dut uste — Johnek —. Animaliatzar hauek ez dira hain erraz menderatzen. Burmuinera sartu behar da bala. Eta ez dugu zauritu baino egin. Haserre egongo da. Ziur aski, bide-bueltan gordeko da. Handik pasatzen garenean erasoko gaitu, eta amildegira botako. — Eta berak nahi duen arte hemen egon behar al dugu? — Jorjek —. Ni goseak amorratzen nago. Beraz erabakiak hartu behar ziren. — Nahi al duzue aurpegi ematea — galdegiten du Johnek —. Lau gara eta zerbait lor dezakegu. Berak ez du presarik izango eta gauza da hemen egunetan edukitzeko. — Noski baietz — Harrisek —. Eta zu, gan- busiarra, prest al zaude? — Ikusi nire fusila. Prest dago — erantzun zuen honek —. Gainera, tiratzaile ona naiz. — Ekin ba aurrera! Eta aurrera ekin zuten. Lehenengo kargadore guztiak buru muinetan sartzeko asmoan. Lortu ezean atzera egingo zuten berriro. Hartzak nabaritu zuen erasoa zetorkiola. Egundoko orroa bota zuen. Eta han azaldu zen atzeko hanketan tinkatuta. Lau abenturazaleak: pin, pan, tiroka josi zuten. Hartzak muturraren aurrean hartu zituen tiro andana haiek. Aurreko hanketara makurtu zen. Eta tiratzaileak atzera. Berehala azaldu zen hartza. Hirugarren deskarga hartu zuen. Ehiztariak atzera jo zuten berriro. Lehen baino atzerago. Leize nagusi aldera. Atzerago ahaztu zitzaien neskatxa indiarra. Eta haruntz zuzendu zen hartza. Laino Gorrik ikusi zuen zer zetorkion neska hari. Eta hartzarengana zuzendu zen fusilarekin. Kulatarekin eman zion ahal zuen ahalegin haundienean. Alferrik. Hartza ez zen kolpe hartaz ohartu. Atera zuen orduan ganbusiarrak gerriko ahiztoa eta eraso zion hartzari. Jirabueltaka, berebiziko borobilak eginaz. Noizbehinka hartzaren gorputzean zastaka eginaz. Une batean indiar-agenteak tiro hotz eta zorrotz bat bota zion hartzari. Hau bere pisuaren kargak behartuta, amildegira erori zen. XI Gose ziren lau abenturazaleak, eta Minnehaha zer esanik ez. Meazuloaren hasierara joan ziren ahal bezain azkar. Bizirik ote zeuden oraindik indiarrak? — Dirudienez, aspertu dira gure zain indiarrak — esan zuen Johnek —. Ez ditut inondik ikusten. — Beharbada basoan egongo dira gure zain. Azal gorriak, egoskorrak dira eta gure ile adatsa desiratuko dute bere ezkutuaren hornigarri — esan zuen Jorjek. — Lehenengo behintzat — Jorjek — bila dezagun janaria. Badira hogeita lau ordu jan gabe gaudela eta. — Arrazoia duzue — ganbusiarrak —. Bidean aurkituko dugu zer jana. Abiatu ziren, bada. Bidean mendi-oilarrak ehizatu zituzten. Eta wakon izena duten beste hegazti batzuk. Bi ordu behar izan zituzten leize-zulora iristeko. Gosaldu zuten lasai asko eta erre ere bai. Han zeuden zaldiak txintxo asko utzitako lekuan. Egun guztia lasai pasatu zuten. Iluntzear zegoenean altxa zen John eta fusila hartu zuen. Zerbait entzun baitzuen. — Txeiene horiek ote dira? — galdegin zioten besteek. — Ez — indiarrak —. Zaldiak dira. — Badaiteke gutarrak izatea — indiar- agenteak. Laino Gorrik, lurraren kontra finkatu zuen bere belarria. Zaldi trostakada hura entzun nahirik: — Lau baino gehiago dira — esan zuen —, arin doaz eta libre dabiltzala dirudi. — Ondo dago — Johnek —. Zaldi basatiak baldin badira lazoa bota eta harrapatuko ditugu. Gero zaldien trostakada argi eta garbi entzutzen zen. Han zetozen zaldiak. Aurretik beren lauak, lehen libre utzi baitzituzten haize piska bat har zezaten. Haien atzetik beste lau zaldi basati. Esaten dutenez zaldi basatiak, gorroto bizia omen dio zaldi otzanduari. Lau gizonek utzi zituzten berenak pasatzen. Gero, besteak inguratu zirenean bota zizkieten tiroak. Haiek larritu eta atzera jo zuten basoan zehar galdu arte. Lau zaldi otzanduak nagusiengana hurbildu ziren. Eta esker onez bezala lepoa makurtu zuten. — Orain abia gintezke — esan zuen indiar- agenteak —, abia gintezke koronelaren desirak betetzera. Minnehahak zorrotz begiratu zion aitari. Hau beldurtu ere egin baitzen. Bere errua izango zen gizon haiek helburu hori lortzen bazuten. Gaua lasaia zen eta lau gizonek han geratzea erabaki zuten. Lehenengo goardia ganbusiarrak egingo zuen. Gero txandaka. Johnek: — Erne ibili, ze azal gorri horiek ustekabeak ematen bereziak baitira. — Egin lo lasai — ganbusiarrak. Hiru gizonek lo hartu zutenean Minnehaha aitarengana hurbildu zen. Haserre. Eta esaten dio: — Noiz arte egongo gara era honetan? Zer esango luke nire amak azal horizuri hauen kontra ezer ez dugula egin jakingo balu? — Zer nahi duzu neskatila? Bertan hil ala? — Nire amak aspaldi egingo zuen — erantzun zion neskak. — Eta zer uste duzu zuk, zure aita corvi alderdiko indiarra delako bildurti bat dela, ala? Minnehahak ez zion erantzun. Aita haserre, ordea. Heldu besotik eta esaten dio: — Erantzun ezazu! Hori iruditzen al zaizu? — Ez, baina. . . zu ez zara siux odolekoa, nire ama bezala. — Ezta zu ere ez zara zeharo siux odolekoa. Zuk ere baduzu zainetan corvi odola — erantzun zion Laino Gorrik. — Badakit — neskak —, badakit. Ez iezadazu berriro oroitarazi. — Ondo nabaritzen dut, bai, zer erakutsi dizun amak. Gure odola mezpresatzen erakutsi dizu. Baina bera, emagaldu bat besterik ez da. Gaizto, barru gabeko bat. Hobe luke etxe zuloko lanetan ariko balitz, senarraren kaltzontziloak garbitzen. Eta ez ibili hor beti armak hartuta alde guztietan gorrotoa zabaltzen. — Hori beste emakumeen lana da. Ez nire amarena. Nire ama gudari ona da. Zuri ere irabaziko lizuke. Eta zure buruko kalparra laster ipiniko luke bere ezkutuaren hornigarri. Laino Gorrik, lepotik heldu zion alabari, ito nahi balu bezala, eta esan: — Nire alaba ez bazina, meazulora botako zintuzket. Baina ez naiz zure ama bezain odolzale. Gero, ordea, damutu egin zen eta esaten dio neskari: — Ale, nekatuta zaude eta zoaz lotara. Berehala hartu zuen lo neskak. Euri garaia zen. Eta hala, gau hartan ere euria gogotik hasi zuen. Geroxeago, Laino Gorrik urrutiko zaratatxo bat entzun zuen. Zarata hura ez zuen edozeinek entzungo. Indiar odola dutenak soilik dute entzuteko sentsibilitatea: — Badatoz!, badatoz! — esan zuen—. Nire anaiak dira, nahiz eta corvi odolekoak ez izan. Zer egingo dut, azal horizuriek entregatuko ote ditut? Bai? Ez? Dena dela beraiek salbatu zuten nire alaba, eta neroni ere. . . ! Orduan? Eta Minnehaha esnatu zuen: — Txeienetribukoak datoz. — Ez ote dira siux odolekoak izango? — Minnehahak. — Ez, ez dira — erantzun zion aitak —. Zure ama urruti dago oraindik. — Irten gaitezen bada txeienehorien bidera. Eta adierazi diezaiegun nor garen — proposatu zion Minnehahak. — Ez, ez, ez dugu horrelakorik egingo. Beharbada, ez gaituzte guk nahi bezala hartuko. Jarrai dezagun azal horizuri hauekin. Hauekin batera joango gara koronelaren semeengana. Hori da gure helburua. Neskatoa ez zen pozik gelditu baina ez zion erantzun. Laino Gorri beste hiru gizonengana inguratu zen. Lo seko zeuden. Bertan hiltzeko gogoa ere sentitu zuen. Eta egin ere egingo zuen. Baina kolpe batetan hiruak hiltzea ezinezko gauza zen. Gero ere izango dugu denbora zioen bere kolkorako. Eta esnatu zituen besteak: — Zuuutik! Zuuutik! Txeieneindiarrak gertu daude. — Ikusi al dituzu? — galdetu zion Johnek. — Ikusi ez, baina entzun bai — erantzun zien. Indiar-agenteak, belarria lurraren kontra finkatu zuen. — Bai — esan zuen — egia da. Eta asko dira gainera. Azkar, mugi gaitezen. Goazen gu zelai zabaletara, horiek mendira baitoaz. Bizi-bizi abiatu ziren. Laster entzun zen indiarren guda hotsa. Guda hotsa ikkischota deitzen diote. Berehala entzun ziren tiroak eta abar. Indiarrak gure abenturazaleen atzetik zihoazen noiz harrapatuko. XII Troska bizian zihoazen lau iheslariak. Indiarrek antzeman zieten norantz zihoazen. John ez zen brometan ibili. Disimuloz ibiltzea baino bidezkoagoa iruditu zitzaion aurpegia ematea. Zaldiak hegaka baino bizkorrago zihoazen. Laister basora iritsi ziren. Belar altuen gainetik lainoa zegoen, terrala, alegia. Orduan Johnek: — Salbatu gaituk! Belar horiek eta terral horrek salbatuko gaituzte. — Baina, txeieneodolekoak al dira? — Harrisek. — Ia ziurra da hori. Ze beste inork ez baitzekien non ezkutatu ginen gu. Salado lakuraino gure atzetik etorriko dira. Baina joan gintezke lasai; alde handia atera diegu. — Gure zaldiak nekatuta daude. Asko ibili dira basati horiengandik iheska — erantzun zuen Jorjek —. Etsiko al dute? — Horixe baietz — Harrisek —. Begira zein arin doazen ia lurrik ikutu gabe. Gero gerokoa! Eta laurak aurrera eta aurrera. Atzetik gertu samarrean indiar bizkorrenak. — Hemen ibiltzen da Ezkerra — esan zien Johnek lagunei. — Jainkoak libra gaitzala. Horrekin topo egiten badugu, edota desburutzen dugu tiro batez, edota berak xehakatzen gaitu — baieztu zuen Jorjek. — Bizkortu dezagun gure urratsa. Indiarrak haserre... Hitz hauek bukatzerako indiarrek deskarga bota zuten. Inguruan baitzituzten. Eta xirika eta xirika atzetik. Iraungo ote zuten? Ez zen erantzun erraza. Zaldiak nekatuko ziren, belarrak traba haundia egiten zuen. Baina, ze demonio, oztopo hauek berak edukiko zituzten indiarrek. Beraz…Bi orduz jarraitu zuten era horretara. Ezin atzean utzi, eta ezin harrapatu. Bapatean Johnen zaldia lurrean tinkatu zen. Honek estutu zizkion ezproinak. Ez alferrik. Zaldiak minaren minez atzeko hanketan gora egin zuen. — John! John! — besteek —. Ez zaitez geratu. Ez zaitez geratu. — Zaldiak ez du aurrera joan nahi — erantzun zien honek —. Zerbait gertatzen da hemen. Jaitsi zen zelatik, eta aztertu zituen bazterrak. Besteek tiroka urruti eutsi zieten indiarrei. Johnek bere azterketaa bukatu zuen. Berri txarrak. Leku lokaztuak ziren haiek. Leku lokaztu haietan edozein erabat gal daiteke. — Lokatz hau, lokazti hau ingura dezagun — esan zien Johnek —. Zaldiek asko dakite honetaz eta salbatuko gaituzte. Txeieneamorratuak atzetik abiatu ziren. Gero, ordea, lokatz ikaragarri hartaz beldurtu ziren, eta geratu ere bai. Haserre bizian, iheslariak harrapatzerik ez zutela pentsatuaz, inguruko belarrei su eman zieten. Haizeak kontraka jotzen zuen eta bidea moztua geldituko zitzaien. Iheslariak txoko batean babestu ziren. Sugarrak itzaltzen hasi bezain laster, laku aldera jarraitu zuten bidea. Lau ordu pasa zituzten lokatzetan, beldur batean. Lokazti hark noiz irentsiko zituen beldurrez. Gero, ordea, lokatza gutxitu zen, bideak hobetu ziren, eta zelai zabala berriro haien aurrean azaldu zen. — Adiskideak! — esan zien indiar-agenteak —, lakua hor dugu gure aurrean. Ez gaitu ezerk geraraziko! — Eta Ezkerraren gudariak, zer? — erantzun zion Harrisek. — Iparralderago dago hura — erantzun zuen Johnek —, Jaltaren agindu bereziren bat hartu ez badu behintzat. — Ezagutzen al duzue buruzagi hori — galdegin zien ganbusiarrak. — Nik ez dut sekula ikusi. Eta zuk? — Bere etxean bizi izan nintzen guda hasi aurretik. — Orduan, gero zure laguntza beharrezkoa izan dezakegu. — Behar baldin bada... — Baietz uste dut. — Ondo dago — Johnek —. Gero hitz egingo dugu horretaz. Orain saia gaitezen lakura iristen. Aupa mutilak, ahalegintxo bat eta han gara! Beste bi ordu, neketsuak, eta lakura iritsi ziren. Nekatuta baina pozik. XIII Gaua iritsi zen eta goseak barkatzen ez duenez gero, afaltzeko prestatu ziren. Ez zegoen ikaragarrizko aukerarik. Txori batzuek ehizatu zituzten. Ez asko, baina bai gosea isilarazteko nahikoa. — Etxaldetik urruti al gaude — galdetu zuen ganbusiarrak. — Zuk uste baino hurbilago. Weber ibaiaren bukaeran dago — esan zion ibaia seinalatuz. — Araphaoe horiek ez ote dute desegin? — Ez dut uste — erantzun zion Johnek —. Inork gutxik daki, pinudi eta arboladi horren atzean etxlde eder eta bikaina dagoenik. Bihar han izango gara, eta ikusiko dugu. Beti bezala guardia egin behar zen eta lehenengo Laino Gorri jarri zen. Ehiztariak txokotan zabaldu ziren, ahal izan zuten bezain egokien. Laino Gorrik begiztatu zituen bazterrak. Gero Minnehahari deitu zion: — Orain da garaia banatzeko. Ni Ezkerraren bila joango naiz. — Baina, ba al dakizu non duen bere kanpamendua? — galdegin zion honek. — Bai, bai, zure amak esan zidan. — Eta ni zer. . . ? Hemen egongo naiz horizuri horiekin? — Bai, bai. Etxaldea erasotzen dugunean, zuk ateak irekiko dizkiguzu. Eta horrela barrura sartuko gara. Maltzurra zara, badakit, eta ongi egingo dituzu gauzak — esan zion indiarrak. Alabaren aurpegia leundu zuen. Gero zaldiari uhal-zola lotu zion. Armak ondo zeuden. Gero hiru abenturazale haien zurrunka etengabeak entzuten egon zen. Haiek lo seko utzita, hartu zuen zaldia, finkatu zen berarengan eta ipar aldera jo zuen tximista baino azkarrago. Presaka zen, eta zaldia sekulako trote ikaragarrian zeraman. Ez zuen haren errukirik sentitzen. Ezproinak barruraino sartzen zizkion oraindik ere gehiago korri zezan. Zaldia eroa gisa, aurrera zihoan. Ez zuen behin ere nagusiak hain gaizki tratatu. Ahal zuen guztia ematen ari zen. Baina hura ez zen bidezkoa. Azkeneko indarrak ere eskatzen zizkion nagusiak. Aho sudurretatik bitsa zuri-zuria zerion. Ahotik pafa eta pafa egiten zuen arnasarik hartu ezin balu bezala. Errukia eskatzen zion nagusiari. Laino Gorrik, ordea, ez zuen zaldiaren errukirik. Eta hala esaten zion: — Korri, korri zaldi! Ezkerra dagoen lekuraino iritsi behar diagu eta. Ez zitzaion Laino Gorriari zaldirik gabe gelditzea batere axola. Behar zuen lekura iritsi, hori zen gauza. Zenbat kilometro ez ote zituzten egin. Azkenean zaldiak belaunak makurtu zituen. Alaka triste bat bota zuen. — Ahalegintxo bat, ahalegintxo bat gehiago! — Laino Gorrik. Baina zaldia ez zen mugitu. Zaldia hiltzera zihoan. Ondo ulertu zuen indiarrak. Besterik gabe, altxa zelatik, hartu armak eta oinez abiatu zen aurrera. Ezin zitekeen Ezkerraren kanpamendutik oso urruti egon. Berrehun pauso eman zituen eta bapatean, belar luzeetatik itzalak azaldu zitzaizkion Laino Gorriri. Hamaika indiar baziren. — Geldi hor! — egin zuen deihadar ahots sendo batek. — Laguna naiz! — Laino Gorrik. — Nora zoaz? — Ezkerraren bila. Araphaoe tribuko buruzagiaren bila. — Nork bidaltzen zaitu? — Jalta gudariak. — Laino Gorriren emazteak? Corvi indiarren buruzagiak? — Bai, eta ni naiz Laino Gorri. Ni neu. — Eta ni Ezkerra. Agur, bada, Jaltaren senarrari! Bazen elkartzeko garaia. Piztu ditzagun suak eta txingarrak. XIV Berehala sei zuzi, antortxa, piztu ziren. Lehentxeago leku hain iluna zen hura argitu zen. Ezkerrak anker sona haundia zuen. Eta Laino Gorriri eskua luzatu zion. — Ez nau, noski, nire anaiak engainatuko, ezta? — esan zion Laino Gorriri. Ze hau, dakigunez, mexikar jantziz baitzebilen. — Egia esan dizut. Jaltak bidaltzen nau. Eta Jalta nire emaztea da. Denek dakite zelai-zabalean Corvi batekin ezkondu zela. — Bai guk ere. Baina, ez baitzaitut sekula ikusi. Eta bestetik ez baituzu indiar jantzirik. Horregatik egin dut zalantza. — Jantzi hau beharrezko izan dut azal zuriekin ibiltzeko. Eta Ezkerrak: — Zuhurra zara — irrifarrez —. Goazen kanpalekura eta zure etxea izango duzu. — Bai, zurekin joango naiz, baina ez dut zaldirik. Berehala zaldi berri bat ekarri zioten. Zaldi beltz eta ile ederreko bat. — Atzo bertan ehiztari bat hil genuen. Hau bere zaldia zen. Segituan abiatu ziren. Pinudi batetik pasa ziren. Bi mailo gurutzatu zituzten. Han zegoen Ezkerraren kanpalekua. Ehun denda punta zorrotz zeuden. Eta bertan bostehun bat gudari. Ez zen herria. Gudari taldea baizik. Han ez zen ez emakumerik ez haurrik ageri. Iritsi ziren bada. Ezkerra bere dendara iritsi zen. Indiarrek wigwam deitzen dute. Eta hala esan zion Laino Gorriri. — Nere wigwam hau zure etxea duzu. Zurea da. Bertan jan eta lo egin dezakezu. Lasai. Hemen ez dago arriskurik. Bi buruzagiak larruen gainean eseri ziren. Ezkerrak kalumeta eskaini zion bere ostalariari. Kalumeta zera da: guk hemen bakearen pipa deitzen diogun hori. Txandaka erre zuten. Pipa haren tabakoa oso gogorra zen. Berak morike deitzen zioten. Hura erreta gero, lagun ziren. Eta hasi zuten elkarrizketa. Ezkerrak ekin zion: — Zertara dator nire anaia hau? Beharbada txeieneindiarrei jaramonik egin gabe, Salado lakua utzi zuelako. — Ez, hori ez. Siux indiarrek zu oraindik hemen egotea nahi dute. Piska bat gehiago behintzat, haiek etxalde bat desegitera datozen arte. — Orain arte, hemen inguruan ziren faktoria guztiak desegin ditut — esan zuen Ezkerrak. — Jaltak koronelaren etxaldea ere desegitea nahiko luke. — Eta non du, bada, koronelak, Jaltaren lehenengo senarrak faktoria hori? Waber ibaiaren bukaeran. — Esan iezaiozu Jaltari egoteko lasai. Desegingo dudala faktoria hori, eta bertako bizilagun guztiak labanez josiko ditudala. — Ez, denak ez, ordea. Nire emazteak koronelaren semea eta alaba bizirik nahi ditu. — Ondo dago, ondo dago. Bi horiek bizirik emango dizkiot. Baina beste guztiak ahiztoz eta armaz hilko ditut. — Beste mesede bat ere eskatu nahi nizuke. Hiru ehiztarien eskutan utzi dut nire alaba. Hiru ehiztari horiek koronelak bidali ditu bere seme alabak salbatzera. Ez daude hain urruti ere. Kilometro batzutara. Eta haiei kontuak eskatzea ere ez litzateke gauza txarra izango. — Ez al dira oraindik etxaldera iritsi? — galdetu zion Ezkerrak. — Ez. — Ondo, bada, zu gidari bazaitugu, goizerako han izango gara. Gureak izango dira. Baina orain jan ezazu. Ezkerrak jakirik gozoenak eskaini zizkion eta esan: — Jan lasai. Ni gudariengana noa. Prestatzera. Gogoz jan zuen Laino Gorrik. Ez ziren alferrik izan beste egunetako barau luze haiek. Oraindik ere jaten ari zen. Kanpalekuak halako nahaste borraste arraro bat nabaritu zuen. Kanpamendu guztia aztoratu egin zela zirudien. Zaldi soinu haundia nabaritzen zen. Eta berehala tiro hotsak. Laino Gorri bildurtu egin zen. Nor ote zen? Agian Ipar Ameriketako Gobernuak bidaltzen zituen boluntario haietakoak? Bere etsairik handienetakoak? Berehala dendako kortina zabaldu zen. Ezkerra zen eta zera esan zion: — Jalta etorri da berrehun gudariekin. — Nire emaztea! — esan zuen Laino Gorrik haserre. — Zergatik haserretzen zara — araphaoe indiarren buruzagiak. — Haserretu ez, baina oraindik ez zela iritsiko uste nuen. Beno, beno, goazen agurtzera. Han zetorren Jalta. Emakume bildurgarri hura. Bere leinuko buruzagi guztiak menderatu zituen emakumea. Zaldi gainean zetorren. Harro, harro. Indiarrek Ahu, ahu. .. egiten zioten. Ezkerrak, leinu guztiaren izenean agurtu zuen. Sartu zen Jalta, eta Laino Gorri ikustean ez zuen ezer esan. Honek ere ez zion hitzik zuzendu. Pipa lasai erretzen jarraitu zuen. Baina Jalta haserre zegoen. Begiratu besterik ez zegoen haren begietara. Eta azkenean: — Non daude? — Azal hori zuriaren semeak—erantzun zion lehorki. — Zure lehenengo senarraren seme-alaba? — Esan nizun Ezkerrarengana etortzeko koronelaren seme alaba harrapa ahal izateko. Gautxori zaintzeko eta Minnehaha ere bai. Badakit Gautxori hil zela, baina zu pasa egin zinen. Zorte ona izan zenuen. — Arrazoia duzu — esan zion Laino Gorrik —. Batzuetan, corvi odolekoak siux odolekoak baino bizkorragoak gara. — Eta non daude koronelaren seme-alaba? — Ez dakit. Eginkizun hori betetzeko denbora behar da. Entzuten duzu? Denbora. — Baina, ez al dituzu ikusi ere egin, ala? — Ez — erantzun zion Laino Gorrik lehorki. — Baina, zer egin duzu etxetik irten zinenetik? Aspaldi baita Gautxori eta Minnehaharekin irten zinela. — Ibili eta ibili, troteka hemendik eta troteka handik. Hori egin dut. Txeieneindiarrak alde guztietatik ditudala. Arriskuez inguratua. Hori egin dut. Gutxi iruditzen al zaizu? Gaur gauean iritsi naiz honantza. Nire zaldiaren gainean. Eta hainbeste behartu dut zaldia, zeren lehertuta utzi baitut bidean. —Eta etxaldea oraindik ere zutik al dago? |Baina; zer egin du Ezkerrak? — galdetu zuen haserre. — Zer, zer, zer egin dudan. Manitu handiak libra zaitzala. Ile adatsak moztu, etxaldeak desegin, eta zer egin dudan esaten duzu? Ez zuten siux odolekoek gehiago egingo, ez. — Engainatuta zaude — esaten dio —, siux odolekoak beti lehenengo dira. Gehiago egiten beti. Gero altxa zuen mantua eta bota gaineko ile adatsa azaldu zion. — Ba al dakizu norena den? — Azal horizuri batena, zalantzarik gabe — erantzun zion.—Nire lehenengo senarrarena. Koronelarena. Laino Gorri zurbil geratu zen. Isilik. Eta besteak: — Eta ez al didazu, beraz, ezer galdetzen? Bizi denik ere ez? — Ekar itzazu ondoko larruzko bi basoak. Edan dezagun Ezkerrak eskaini digun pattarra — esan zion besteak. — Nori agintzen diozu hori? — Zuri. — Emakume bati? — Ez al zara nire mendeko? Ez al zara gogoratzen nire emazte zarela? Hori zioen bitartean Laino Gorri haserre jarri zen. Ahiztoaren muturra eskuarekin ikutu zuen. Eta Jalta geldi-geldirik. Bazekien Laino Gorrik ez zuela alferrik meatxatzen. Hartu zituen basoak, eta pattarrez bete zituen. Eta haserre eskaini zion, zera esanaz: — Har beza nire sakem jauna. Nire nagusiak. Jaltak ez zuen pattarrik edan. Bere pazientzia apurtxoa galzorian zeukan. Halako batean Laino Gorrik galdetzen dio: — Nork kendu dio koronelari ile adatsa? — Nik — erantzun zuen besteak harro. — Ondo egin duzu. Baina hil al duzu? Gizon bat ibil daiteke ile adatsik gabe. Nere tribuan sarritan ikusi dut horrelakorik. Zigor horrek oinaze handia ematen du, burukomin latzak, berdin samar bizi ohi dira. — Orduan, koronelak ere izango du hamaika burukomin. — Beraz, ez duzu hil, ezta? — Jaltak ez du aski bere heriotzarekin. — Berak zu abandonatu zintuelako egiten duzu ezta? — Horregatik, eta Gautxori hil zigutelako. — Non harrapatu zenuen? — Iletaren Ibilbidean. Nere gudariak borrokarako deitu nituen. Denak hil zituzten. — Eta non dago gatibu hori? Siux arteko kanpalekuan? — Ez, ez dago han. Leku hobean dago. Nire gudariek zaintzen dute. Han egongo da nik nahi arte. — Ile adatsa kendu diozunez gero, hobe zenuke askatzea. — Zuk ez dakizu zer den mendekua ala? Ikusiko duzu koronelaren semeaeta alaba eskuetan ditudanean! Orduan ikusiko duzu nire mendekua zenbaterainokoa den! — Ez al dituzu torturatuko behintzat! — Oraindik ez dut erabaki zer egin. Nik nire bi semeak galdu ditut. Gautxori tiroka. Eta Minnehaha ez dakit non. Ziur aski, han bertan. Baina ez nago ziur. — Ez andrea, ez, ez duzu galdu Minnehaha. salbatu nion bizia. Orain ondo dago. — Eta non dago? — galdetu zuen Jaltak alaitasunik gabe. — Koronelaren semeak salbatzera doazenekin utzi dut. Ez zaitez hartaz kezka. Zu bezain maltzurra eta gaiztoa da eta. — Ez al dute hilko? — Azal hori zurikoek ez dute hain erraz aurrik hiltzen. — Badakit alde egingo duela hara iristen denean—esan zuen Jaltak —. Badakit nola zauritu zuen koronela. Horregatik pozik gaude odolekoak. Orain saia gaitezen gu bera salbatzen. Aukera ditzagun berrehun gudari onenak: siux eta araphaoe bietatik. Nahikoak ditugu berrehun etxaldea desegiteko. Eta orain utz nazazu bakean. Laino Gorri atera zen handik. Biraoka, ez baitzuen sekula hain andre gaizto eta harrorik ezagutu. John, Harris eta Jorje. Non ote daude gure hiru gizonak? Oraindik ere lozorroan, belar tartean. Ganbusiarra ez zen behin ere oso irekia, baina, hala ere, bazuten harengan konfiantza pixka bat. Bazekiten ausarta zela. Pasa ziren zenbait ordu ihes egin zuenetik. Halako batean oihu min batek esnatu zuen indiar agentea. — Neska koskor hori dela dirudi — esan zuen altxatuaz. Eman zituen pauso batzuek. Iluntasuna latza zen. Ez zen askorik ikusten. Berehala beste oihu gogor eta trinko bat entzun zuen. Minnehaha zen. Zertan ari ote zen? Zaldiak askatu eta izutzen. Zaldiak lauhazka bizian galdu ziren urruti. — Zer gertatzen da — galdetu zuen zaldiak iheska ikustean. — Indiarrak izango dira noski — Jorjek. — Ezin daiteke. Ez zuten gure zaldiek ihes egingo. — Eta non dago ganbusiarra? Ez dago ganbusiarra! Beharbada indiarrek hil dute—esan zuen Jorjek. — Ez, ez, ez dira indiarrak gure zaldiak iheska jarri dituztenak. Zuk ikusi al duzu ezer, neska? — Nik. . . bada. . . ez nago oso ziur, baina kanpaleku hau animalia beldurgarriz inguratuta dagoela iruditzen zait. — Ez al dago gizonik? — Ez, ez — erantzun zuen neskatoak. — Badakit zer gertatzen den — esan zuen orduan Johnek —. Igo gaitezen zuhaitz batera.Pekari izeneko animali basatiak dira. Ez nolanahi tirokatu. Zaurituez gero askoz arriskutsuagoak bihurtzen dira. Orduan galduak ginateke. — Pekariak dira, pekariak dira — oihu egin zutn ehiztariek beldurraren beldurrez. Denek ihesari eman zioten. Inguruan zegoen mendi-mailo batera. Pekariak ere korrika abiatu ziren. Baina ez zirudien oso haserre zeudenik. Pekariak oso arriskutsuak omen dira, baina haserretzen edo gosetzen direnean. Bestela ez. Zedro eder bat begiztatu zuten. Denak igo ziren. Johnek heldu zion neskatoari besotik eta gora aupatu zuen. Une horreetan, ordea, fusilak aldegin eta tiroa atera zitzaion. Tiro hark pekari bat zauritu zuen. Ikaragarria izan zen hura. Pekari guztiak zuhaitza jan beharrean hasi ziren, su eta gar. — Hau duk izatekoa! — esan zuen gidariak —. Okerragorik ezin zitekeen gertatu. Igo gaitezen gorago, ze bestela xehetuko gaituzte eta. Pekari guztiak gainean zituzten, haserre bizian. — Hau besterik ez genuen behar gure bidaia bukatzeko — esan zuen Harrisek. — Eta non ote da ganbusiarra? — galdegin zuen Jorjek. — Tiro eta zarata hauekin esnatuko zen, inguruan bazen. Gainera nik ez dut bere zaldia gureekin ikusi — esan zuen Johnek. — Beharbada pekari madarikatuak ikusi eta ihesari eman dio — esan zuen Jorjek. — Gu esnatu gabe? — Beno, beno, utzi dezagun ganbusiarra alde batera. Eta salba dezagun gure larrua — esan zuen Harrisek. Goi samarrera igo ziren denak. — Hemendik ondo ikusten dira pekari madarikatuak — Harrisek. — Beharbada, egunsentirako aspertu eta joango dira — Jorjek. — Ez dut uste. Behin hiru egun egon nintzen zuhaitz gainean pekari madarikatuak alde egiten ez zutelako. — Eta zer jango dugu hemen? — Jorjek —. Zuhaitz honek ez du fruturik. — Egon lasai. Ez pentsatu hori. Zerbait lortuko dugu eta. Bitartean pekari madarikatuak lurrean zain, piñak jaten. Alu zerriak. Minnehaha goi goiraino igo zen. Bazirudien zerbait ikusi zuela. Barru barrutik oihu batek aldegin zion: — Zer duzu neska? — galdetu zion indiar agenteak. — Ez, ez, ezer ez — erantzun zion neskatoak poza disimulatu ezinik. — Ikus dezadan zer begiztatu duen neska alu honek — esan zuen Jorjek. Ehiztariak begiratu zuen. Eta azal gorri pilo zetorrela konturatu zen. Lakuaren izpazterretik. Haien buru zetorrenak Minnehaha beraren antzeko jantzia zeraman. Eta bere ondoan norbait, jantzi ezberdinekin. Urruti zeudenez gero, ez zuen inor ezagutu. Ezta indiarra ere. Indiar hura Laino Gorri zen. ondokoa Jalta, eta hurrengoa Galdara Beltza. — Zatoz hona — esan zion Minnehahari —. nere fusilaren berri erakutsiko dizut. Neska, ordea, gorago igo zen. Gorago eta gorago. Arina baitzen, adarrek erraz eusten zioten. Ez, ordea, Jorjeri. — Suge gaiztoa! Zure adiskideei seinaileak egin nahi dizkiezu. Hori egiten baduzu dozena bat bala botako dizkizut — esan zion haserre. Neska beldurtu zen eta jaitsi ere bai. John eta Harris behean zeuden zain. — Indiarrak dira — baieztu zuen Jorjek. — Jaltaren gudariak, beharbada? — Johnek. — Ez dakit. Urruti daude eta ez ditut ondo ezagutu. — Eta zuk Minnehaha, ezagutu al dituzu? — Lumak daramatzate buruan. Hori ikusi dut. Besterik ez. Dakizunez siux odolekoek ez daramate lumarik buruan. — Berrehun edo gehiago dira — esan zuen Jorjek —. Galdara Beltzaren gidaritzapean baldin badatoz, inork ez gaitu oinazetatik libratuko, ez da John? — Beno, gizonak, oraindik behintzat ez gara bere hatzaparretan erori. Egon gaitezen lasai. Honantz badatoz, pekari madarikatuok oso egokiak izango ditugu. — Ez dizut ulertzen — esan zion Harrisek. — Animaliak ez dute pertsona bat eta bestea bereizten. Indiarrak inguratzen badira, bere laguna haiek hil dutela pentsatuko dute eta aurka joango zaizkie. Guk une hori aprobetxa dezakegu ihes egiteko. — Eta zaldirik gabe? — Oraingoz bai. Orain tapatu iezaiozue Minnehahari ahoa. Oihuka has ez dadin. Eta itxoin dezagun. XV Zuhaitza adartsua eta hostotsua zen. Gordetzeko aproposa. Inguratu zenean indiar taldea, ikusi ahal izan zuten. Haien buru Laino Gorri. — Alu alu, ez beste alua — oihu egin zuen Johnek —. Saldu gaitu idi txar bat bezala. — Ez nuen uste azal gorri horien artean ikusterik — Jorjek. — Beharbada, gure ile adatsak Galdara Beltzari agindu dizkio — esan zuen Harrisek. — Ez dut uste. Galdara Beltza ez da inortaz fidatzen. Ezta agintzen diona beste indiar bat izanda ere. — Beraz, indiar bat izanik ganbusiarra zela eta gure artean egon da madarikatu hori!— galdegin zuen Harrisek. — Zalantzarik gabe — Johnek —. Okerrena zera da, beranduegi konturatu garela. Bestela bere gorpua arranoen janari izango zen aspaldi. — Eta bere atzetik datorrena, nor da? Jalta, agian? — Bai, Harris, Jalta da! Hori Galdara Beltza baino okerragoa da oraindik. — Beraz, azkenean lortu dute siux, araphaoe eta txeienedenak batera elkartzea, ezta? Orain Jainkoak daki zer gertatu behar duen! — Eta zer egiten du bitartean gobernuak — galdegiten du Jorjek. — Egon lasai, egon lasai — erantzun zion Johnek —. Azal gorrien hilketak ez dira zigorrik gabe geldituko. Kalifonian boluntario asko biltzen ari omen da zigortzera etortzeko eta. Pekari haserretuek ere entzun zituzten indiarren ahots zaratak. Prest jarri ziren edonor ikusten zutelarik haren kontra erasotzeko. Belarra hain luzea baitzen, indiarrak ez ziren animali hauetaz konturatu. Lasai zetozen. Azal zurikoek nondik ihes egin ote zuten eta abar. Bogeita hamarren bat indiar inguratu ziren zedroaren ingurura. Ze bide hartan zenbait landare hautsita eta zapalduta baitzegoen. Pekari haserretuek ikusi zituzten eta baita gogor eraso ere. Atzetik zetozen indiarrak konturatu ziren arriskuaz eta han hasi ziren oihuka: — Pekariak dira, pekariak dira! Zenbait tiro hots zabaldu zen. Eta pekari gehiagoa hilda geratu zen. Baina hainbeste baitziren, ze talde osoa haserretzea eta erasoa gogorragoa izatea besterik ez baitzuten lortu. Zaldiak ere larri ziren, pekari horien hatzamarkadak hanketan nabaituaz. Urrutiratu ziren indiarrak. Orduan Johnek: — Adiskideak! Orain da garaia. Ihes egin dezagun. Etxalde hori ez dago oso urruti, eta araphaoe eta siux horiek baino lehenago iritsiko gara. — Hemen utziko al dugu neskatila hau?— galdegin zuen Harrisek. — Ez, gurekin eramango dugu. Eta erne ihes egin ez dezan. Jaitsi eta korrika abiatu ziren Weber ibai ertzera ahalik eta lasterren iristeko. Ordu erdi batean iritsi ziren Weber ibairaino. Begiratu zuen Johnek ingurura. Ez zen arriskurik ikusten. Beharbada, beti ezkutuan egoten diren pumak. — Ezin dut burutik kendu ganbusiar madarikatu hori — zioen Johnek —. Horrek egin digu guri. Traidore batekin ibili gara. — Horregatik etorri zen hain pozik gurekin — Harrisek —. Baina, egon lasai, horrek ere hartuko du berea eta. Zerbait jan zuten. Bat batean, ordea, zarata entzun zuten. Ez nolanahikoa. Indiarrak ziren. Beraz, ibai zabal hura pasa beharrean zeuden. Ez zen erraza izango. Eta munizioa hondatu egingo zen gainera. Halako batean Jorjek errekan aurrera zihoan ideki bat ikusi zuen: — Azkar lagunak. Hortik. Denak kabituko gara noski. Hiru lagunak eta neskatoa urak egindako zulo eta leize batetik sartu ziren. — Hauxe leku polita — esan zuen Johnek — Indiarrak bilatzen badute ere, banaka banaka beharko dute. Eta orduan erraz hilko genituzke. — Indiarrak gizon zuria usainez ere ezagutzen omen du. Hala diote behintzat. — Bai, bai, badakit. Baina egon gaitezen isilik, inguruan daude eta. Une batean ez zen deusik entzun. John zelatara atera zen. Indiarrak erreka gurutzatzen ari ziren, beste alderdian begiratzeko edo... Zaldi gainetan. — Sei besterik ez dira eta! — esaten du gero. Baina azal gorri batek gure ibiltarien zantzua hartu zuen. Eta Johnek: — Egon prestu. Su-armarik ez dakarte. Ez bota nik agindu arte. Une hartan leize-zuloko argia galdu zen. Norbait zegoen sarreran. Gero barrura sartu zen. Harrisen fusiletik tiro lehor bat joan zen indiarraren gorputzera. — Kanpora, kanpora! — oihu egin zuen Johnek —, ez dago beste erremediorik. Borroka egin beharra dago. Kanpora atera eta beste bi indiar hil zituzten. Hiru gelditzen ziren. Borrokarako prest. Baina azal hori-zuriak ere hiru zirela ikustean, hartu zaldiak eta ihesi biziari ekin zioten. Ibai bueltan galdu ziren. — Ihes egin dezagun guk ere! Laster ehundaka indiar izango ditugu eta gure atzetik — esan zuen Johnek. Artasoro batera iritsi ziren. Indiar gehiago ikusi zituzten han, erdi bilutsik. Ihes egin zuten beldurrez. — Lagunak gara, lagunak gara! —esaten zien Johnek. Algara ikaragarria ateratzen zuten. Eta Johnek: — Egin dezatela algara. Horrela barrukoek entzungo diete, eta intendenteak, arduradunak ezagutuko nau. Indiarrak aurretik, besteak atzetik, bide buelta batean, etxe-bizitza eder bat. Hain zuzen hura zen koronelaren etxea. Sartu ziren barrura. Zubi altxakorra gurutzatu zuten eta. .. — Lagunak gara, lagunak gara! — esanaz. Sarreran bertan, gizon bat zegoen ate zain. Mexikar indartsu bat, eta haren ondoan beste beltz batzuk. Bi pistola bularrean jarri zizkioten. Eta orduan Johnek: — Morales, ez al nauzu ezagutzen? Mexikarrak begiratu zion eta esan: — Nagusiaren laguna da. Indiar agentea da. Eta barnera oihu egin zuen: — Jorje, Mary! Aitaren lagunak ditugu hemen. Etorri azkar. Laster azaldu ziren Jorje eta Mary, koronelaren semea eta alaba. Mutila beltzarana eta altua. Hamabost urtekoa. Neska gazteagoa, ilegorria, anaia bezain ederra. Eta biek oihu egin zuten: — John, John! Orduan, indiar agenteak txapela kendu eta esan zien: . — Ez dago denbora galtzerik. Altxarazi ezazue zubia eta bildu zerbitzari guztiak. — Zer ba...? — gazteak. — Indiarrak atzetik ditugulako. — Ziur al zaudete? — Txiripaz ihes egin dugu guk. Ez dago zalantza izpirik. Hemen ditugu laister. Mutila beldurtu zen. Maryk ordea: — Etor daitezela — esan zuen —. Gu aitaren umeak gara eta ausartak.Gure aitaren etxea defendituko dugu. — Non dago gure aita? — neskak. — Laramien — erantzun zion Johnek lasai. — Borrokalari ona da — erantzun zuen semeak. Johnek arduradunari deitu zion. Eta etxeko ate, leiho eta abar ixteko agindu zion. Egon gelara joan, eta esan zien Johnek: — Zuen aitak bidali nau. Hain zuzen siux tribuak zuen etxalde hau ezabatu nahi du, suntsitu nahi du, eta zuek bizirik harrapatu nahi zaituzte. — Eta nola dakite indiarrek gu hemen bizi garela? — neskak. — Gure aita lehendabizi emakume indiar batekin ezkondu zen. Beharbada sorgin hark badaki non dagoen gure etxea — erantzun zuen mutilak. — Zenbat gizon dituzue? — Johnek. — Hogei beltzak eta erdi beltzak. Denak jatorrak eta zintzoak. — Ondo dago — Johnek —. Zuek hogei eta gu hiru.Hauek Harris eta Jorje dira, zelai zabaleetako ehiztari zintzoak. Zuen aitaren lagun-lagunak. — Eta belarretan dagoen ganadua zer? —gazteak. — Ba hor utzi behar. Ez dago beste biderik. Bitartean indiar etsaien tiro eta arma hotsa entzuten hasi zen. Eta Johnek: — Denek hartu armak, hartu armak! XVI Ez zuten uste indiarrak hain azkar etorriko zirenik. Presaka atera ziren handik eta gudarako prestatu. Ate, leiho eta abar, denak itxita zeuden. Barruko jendea ondo armatua, fusila, pistola eta aizkorarekin. Ez zen txantxetako gauza Galdara Beltzaren eskutan erortzea. — Egunez ez dute erasoko — Johnek —. Badakite gu hemendik ezin garela irten eta. Ganadua desegingo dute beharbada... — Ez zaio axolarik — gazteek —. Mila bururengatik... — Zuen aitak badu nahiko diru beste mila gehiago erosteko. — Behar bada bai — mutilak —. Baina banekien galduko genituela. Eraman edo hil ditzatela. Egin dezatela nahi dutena. — Horrekin ez dute aski izango — Johnek—. Haiek gure ile adatsak nahi dituzte, bere ezkutua dotoretzeko. — Bada, kostako zaie — erantzun zuen gazteak. — Ez duzue siux horien gorrotoa ongi ezagutzen. Ez dute bakerik emango etxalde guztia erre, eta zuek harrapatu arte. — Hainbesteko gorrotoa al digute? — Zuek Devandel koronelaren seme-alabak zarete. Eta zuen aita, azal gorrien etsairik handiena da. Beste arrazoiak ere badaude. — Asko al datoz? — Bi tribu elkartu dira. Berrehun bai. Zaila izango zaigu irabaztea. Gu hogeita hiru bakarrik eta... — Zer egin dezakegu? — gazteak. John isilik gelditu zen. Kanpoan algodoi soro bat zegoen. Han gizon batzuk algodoi hazitatik olioa ateratzen ari ziren. — Zertan ari dira horiek? — galdetu zion Johnek — Olioa ateratzen, gero estufak berotzeko. — Eta olio asko al daukazue biltegietan? Johnek. — Nahikoa. Kupel asko dauzkagu. — Bota ezazue olio hori galdara haunditara. Eta gazteak harrituta: — Eta zer egingo duzue galdara eta olioarekin? — Olioa irakingo dugu, eta gero indiarren bizkarretara botako dugu. Ongi larrutuko dira. Ikusiko duzu. Harris eta Jorje etxeko neskarekin kontu-kontari ari ziren. Eta galdetzen die: — Non dago Minnehaha? — Ez dakigu — haiek. Etxe guztian ibili ziren bere bila. Alferrik, ordea. Ez zuten aurkitu. Laster etxe barruko patioan su pila bat piztu zuten eta galdara haundiak jarri zituzten olioak irakin zezan. Usai txar-txarra botatzen zuten. Besteak babesean zeuden gudarako prest. Egunez ez zen ezer gertatu. Eguzkia ezkutatzen hasi zenean, ordea, etxe inguru guztia indiar zaldunez josi zen. Barrukoak beldur ziren. — Zakurraren putza! — esan zuen Johnek —. Bostehun eta gehiago badira. — Jalta ere hor dator bere siux gudariekin — Harrisek. — Eta Araphaoeak, Galdara Beltza aurretik dutela, eta Ezkerra ere bai! — Erraz hilko gaituzte! Ez dugu salbabiderik. Nire buruak baino pena gehiago ematen dit arrebarenak. — Beno, mutil — esan zion Johnek —, oraindik behintzat bizi gara. Lasai egon. Asko dira, baina ez dute lan erraza izango. Etxe honetako hormak oso altuak dira, inguruko fosoa, zanga sakona, eta etxeak gaztelu bat dirudi. — Bai — gazteak — baina egurrezkoa da su ematen badiote denak kiskaliko gara. — Ez zaie hori indiarrei komeni — erantzun zion Johnek —. Zuek bizirik nahi zaituztete , hori garbi dago. — Eta zergatik nahi gaituzte bizirik? — galdegin zuen gazteak. — Nik zer dakit ba. Beharbada bahitu gisa edukitzeko edo... — Eta ez al dira gu laguntzera etorriko? — Ez da erraza. Horrek denbora eskatzen du. — Jo.. . John, orduan galdu gara. — Beno — Johnek — nik egia esaten dizut. Defentsa bakarra gure tiroak izango ditugu. Zer ari dira indiarrak beren gudariak taldekatzen? Hain zuzen, bi talde besteengandik aldendu ziren. Bat ibai ertz aldera, bestea algodoi soro aldera. Besteek etxea inguratu zuten bi ilaratan jarrita. Han ikus zitezkeen Jalta, Laino Gorri eta beste bi buruzagi. Beharbada Galdara Beltza bata eta Ezkerra bestea. Hauek etxeari itzuli osoa eman zioten dena ikusiaz. Gero lehengo lekura itzuli ziren. Urruti samarretik ordea. Iritsi zen gaua. Barrua sugarrez argitua azaltzen zen. Galdaretan olioak pil-pil egiten zuen. Noizbehinka tximistaren bat azaltzen zen urrutian. — Gau txarra izango dugu — esan zuen Johnek —. Ekaitza eta hor kanpotik azal gorriak. Indiarrak tiroka hasi ziren. Barrutik ez zuten erantzuten. Munizioak ez ziren alferrik galdu behar. — Kontserba ditzagun munizioak, alferrik galdu gabe! Ordu erdi inguruan aritu izan ziren indiarrak. Baina etxe haren eta inguruko egurresia, sendoa zen, eta balek ezin zuten hura zulatu. Azkenean, indiarrek eraso nagusia ematea erabaki zuten. Hasi ziren, bada, egurresira inguratzen. Borobilean, zirkuloan, poliki-poliki inguratuz. Etxearen defendatzaileak ere hasi ziren tiroka, atzera joko zuten esperantzarekin. Guda bizian ziren. — Utziko al diegu gehiago inguratzen? —galdetu zion Harrisek Johni —. Hiru hil ditugu. — Bai, bai, arrazoia duzu. Ikus dezagun olioa berotu den ala ez. Indiarren bizkarrak esango digu hori. — Ikusi al duzu Jalta? — esaten du Harrisek-; ez dakit non ari den borrokan. — Ezkerra eta Galdara Beltzaren tartean dago. Bota dizkiot bizpahiru tiro. Baina ez dut zauritu. — Aginduko al dut sua geratzeko? — Bai, agindu ezazu. Munizioak falta zaizkigula usteko dute eta asaltora etorriko dira, erasora alegia. Berehala geratu zen sua, tiro soinua. Isilunea zabaldu zen. Indiarrek munizioak falta zitzaizkiela pentsatu zuten. Eta egurresira inguratu ziren, nohizbehinka tiro urduriak boteaz. Apuntatu gabe. Irabazi zutela pentsatzen zuten. Berehala berrogeita hamarren bat gudari jaitsi ziren zaldietatik. Eta egurresira abiatu ziren. Eskutan zeramaten bere arma berezia, hain trebeki erabiltzen duten tomahawk delakoa. Gehiegi pentsatu gabe, hain baitzeuden irabazi zutelakoaren ustetan, fosora jaitsi ziren. Fosoa, sakona zen eta nolabait jaitsi behar zuten. Hura pasaz gero, beste alderdira igaroko ziren. Une garrantzitsua barruan zeudenentzat. Barruko zerbitzariak ez zeuden lotan. Inguratu zituzten galdara irakinak. Kanpoko indiar haiek fosoan zeuden. Haiei begira beste azal gorriak. Une hartan John, Harris eta Jorje, koronelaren semeak eta alabak tiroka ekin zuten. Inguruan zeuden hamaika eta hamaika indiar hil zituzten. Geroxeago, galdara irakinak hartu zituzten, olioarekin. Eta fosoan zeuden indiarren aurka bota zituzten. Fosotik atera ziren oihu mingarri eta latzak ez ziren nolanahikoak. Olio irakinak zeharo erre zituen indiarren gorputzak. Hauek elkarren aurka botatzen zituzten euren buruak. Berharbada, era horretan mina arinduko zitzaielakoan. Beren bizkarrak haragi bizitan zeuden. Ikuskizun tristea huraxe. Fosotik ezin atera olio irakinak itsutu egin baitzituen. Haien lagunek, hura ikusita, ihesari eman zioten. Beraz, barrukoek irabazi zuten oraingoan. Bazekien Johnek indiarrak laster itzuliko zirela baina... XVII Oraingoz, beraz, indiarrek garaituta atzera jo zuten. Jalta, Ezkerra eta Galdara Beltza ziren azkenak erretiratu zirenak. — Itzuliko ote dira berriz halako jipoia hartu eta gero? — galdetu zuen Maryk. — Bai horixe — Harrisek. — Ba, lehengoa bezalako jipoia har dezakete berriro — esan zuen Devandelek, koronelaren semeak. — Devandel jauna — esan zion Johnek —, bostehun dira eta prest daude edozer gauzatarako. — Horrez gainera — erantsi zuen Harrisek — Jalta dute gidari. Ezkerra eta Galdara Beltza ere bai. Gehiegitxo, txantxetan aritzeko. — Olio asko al dago orandik? — Johnek. — Bost edo sei kupel. — Besterik ez? — Ez dakit zenbat geldituko den sotoan. Baina ez askorik. . . — Begiratu ongi. Ahal dugun gehiena edukitzea komeni zaigu. — Bospaseirekin bi egun baino gehiago ez dugu eutsiko. Gero ordea. .. — Etorriko al da inor gu laguntzera? — galdetu zuen urduri gazteak. — Nork daki! — Ia ezinezkoa da hori — erantzun zion Jorjek triste. — Ez kezkatu — erantzun zien indiar agenteak —. Badakit Chivington koronela etortzekoa zela alderdi hauetara. — Dagoeneko inguruan ote dira? — Harrisek. — Lanean bai, beharbada, baina inguruan ez dut uste. Arkansasen edo.. . — Hori urruti dago! — esan zuen gazteak triste. — Horixe urruti dagoela. Baina ez dezagun itxaropena gal. Beharbada Chivington koronela guk uste baino hurbilago dago. — Ez da atsegina izango azal gorri horien atzaparretan hiltzea — Jorjek. — Horrelakoak ez dio inori graziarik egiten. Baina oraindik ez gara galdu. — Itxaropena Jaungoikoarengan eta gure punterian, hori da eduki behar duguna. Urduriena Koronelaren semea zegoen: — Ezagutu al duzu mantu zuriko emakume hori? Denen buruzagia bezala zetorren hori? Johnek ez zion erantzun. — Siux indiarren buruzagi zergatik etorri da emakume bat? Erantzun mesedez John. — Ez dakit. Nik ez ditut indiarren ohiturak hain sakonki ezagutzen. — Izan ere, badut barruan harra — jarraitu zuen gazteak. — Ze harra duzu ba? — Emakume horrek nere aita ezagutzen zuela iruditzen zait. — Nik ez dakit hori. — Baina zuk badakizu nere aita indiar batekin ezkondu zela, ezta? — Zerbait entzun dut bai — Johnek. — Siux odolekoa al zen? — gazteak. — Ez baitakit — Johnek. Johnek ez zuen honetaz hitz egin nahi. — Ziur nago nire aitaren emazte izandakoa emakume hori bera dela. Mendeku hartu nahiko du, zalantzarik gabe. — Oraindik bizi gara behintzat eta — erantzun zion Johnek. — Nire aita hemen balego, gauzak errazagoak izango lirateke — erantzun zion gazteak. Gau txarra zen hura. Ekaitza gogorra. Badaezpada ere, fusilak busti gabe gorde behar ziren. Bitartean azal gorriak inguruko pinudi batean zeuden, itzultzeko prest. Zain egon ziren etxe barruan besteak. Gau txarra izanik, ez ziren indiarrak erasotzera ausartzen. Itxaropen txiki bat ere sortu zen. Indiarrak ez baitziren ausartzen, ikusten zenez. — Indiarrak beldurtu egin ditugu — esan zuen Maryk —. Ez dira gure kontra ausartzen. — Ez dut uste horregatik denik — erantzun zion Johnek. Egon eguraldia hobetu arte. Ikusiko duzu goizaldean. Esan bezala, eguraldia hobetu zen, eta goizaldean atzera han zetozen indiarrak, bi ilaratan, eskuetan pinu adarrak zituztela. Barrukoak kezkatu ziren. Bazekiten zertarako zituzten adar haiek. Fosoa pasatzeko, alegia. Johnek galdetu zion koronelaren semeari: — Zenbat zaldi dituzue ikuiluan? — Hogeita hamar. — Indartsuak al dira? — Bai. Bidaldi luzeak egiten ohituta daude. — Eta ba al duzue sokarik? — Bai, bai, behar aina eta gehiago ere. — Eta aizkora eta zerrak ere bai? — Baita ere. Baina ez dut ulertzen zer egin nahi duzun — esan zion gazteak. — Begira Devandel jauna — esan zion Johnek —. Etxaldean jarraitzen badugu, gaur edo bihar denak hilko gaituzte. Ez dugu aski izango ez gure olioarekin, ez gure fusilekin. — Eta zer egingo dugu? Ihes egin? — Ez dago beste biderik. — Baina hori ezinezkoa da. Ondoan ditugu. — Sorpresaz egiten badugu bai. Utzi niri egiten. Hamar gizonezko behar ditut. — Eta bere bi ilara horiek, nola pasako ditugu? — Egon lasai pasako ditugu eta. Gero, ospa egin behargo dugu. Ahalik eta azkarrena Atzetik etorriko baitira. Hori esan bezain laster, Johnek hamar gizon hartu zituen bere mende: hamar beltz, mestizo bat, eta hiru ehiztariak. Azal gorriak inguratzen ari ziren. Batzuen buru Jalta bera. Mantu eder baten azpian. Harro harro. Beste batzuen buru Galdara Beltza eta Laino Gorri. Ezkerra Jaltaren atzetik, zaldi bikain baten gainean. Bostehunen bat metrotara iritsi zirenean, bere kargazoi guztiak bota zituzten. Defendatzaile pare bat hil zuten. Hauek, eraberean erantzun zuten, eta beste hainbeste hil zuten. Bitartean John eta bere lagunak lanean ari ziren. Hogeita hamar zaldiak atera eta binaka jarri zituzten errekara begira. Lehenengo hamabostak elkarren artean lotuta, azkarregi banatu ez zitezen. Hartu aizkorak eta egurresia puskatu zuten leku zehatz batean. Indiarrak pasa zitezkeen handik, baina, zirudienez, ez ziren konturatu. Bazuten nahikoa beren borroka harekin. Lana bukatu zutenean, John koronelaren semarengana joan zen. Hantxe inguratu ziren etxe hartako beste defendatzaileak ere. — Aurrera mutilak — esan zien Johnek —, laister sartuko dira hemen indiarrak. Aurretik | deskarga ditzagun gure fusilak. Gero kargatu berriz eta etorri nire atzetik. Ez pausorik galdu. Igo bigarren ilaran dauden zaldietan. Agindu bezala egin zuten. Hitzez hitz. Irtetzera zihoazela, begiratu zuten gora eta etxea sutan zegoela konturatu ziren. Ganbara aldetik ke beltz-beltza sortzen zen. Eta haren tartean neska koskor bat ikusi zuten lastargia eskuetan zuela. Minnehaha bera zen. Johnek apuntatu zuen fusila. Baina tiro egitera zihoan unean bistatik galdu zen neska maltzur hura. — Suge gaizto horrek etxeari su eman dio —esan zuen Harrisek. — Ez dezagun denborarik gal — erantzun zion Johnek — Honek ez du erremediorik. Erretzen baldin bada, erre bedi berarekin neska koskor gaizto hori. Indiarrak egurresiaren beste aldetik pilatuta zeuden. Erasorako deia noiz entzungo. Gure abenturazaleek eta haien zerbitzariek gogor jo zuten egurresia puskatuta zegoen lekura. Nahiko zabala zen irekitako zuloa. Fosoaren gainetik ohol bikainak zeuden jarrita. Egurresiarenak berberak, aizkoraz botatakoak. — Ea, zalditara! — esan zuen Johnek. — Ez dugu denbora galtzekorik — Harrisek. Indiarrak harri eta zur gelditu ziren zulo hartatik zaldiak eta jendea irtetzen ikusi zutenean. Haien zizpa eta sasoia! Ez zuten erreakzionatzeko denborarik izan. Gainera batzuek ez zuten zaldirik, fosora iristeko asmotan ziren eta. Haien ingurutik pasa ziren etxetarrak. Eta John aurretik aginduak emanaz. — Egin su! — agindu zuen. Eta aurrean zeuden dozenaka azal gorri erori ziren hilda. Laster izan zuten erantzuna. Baina bitartean zerbait urrutiratzeko denbora izan zuten. Ezustean harrapatu baitzituzten. Gero tiro egin zuten, eta atzeko beltz bat zauritu zuten. Ezkerrak lepotik heldu eta ahizto kolpe batez ile adatsa ebaki zion. Gauza berbera egin zuten beste bi mestizoekin. Zauritu eta ahizto kolpe batez ile adatsa kendu ezkutuan jartzeko. — Guda gogorra baita — zioen Johnek. Begiratu zuen atzera. Eta Laino Gorri zaldi gainean, eta bere ondoan Minnehaha ikusi zituen. Neska madarikatua. — Hori da gurekin ibili dugun neska indiarra — esan zuten ehiztariek. — Ez dakit nola aldegin duen sugarretatik komentatu zuen Harrisek —. Burdinezkoa dirudi! — Ekin zaldiei — Johnek —Urrutira gaitezen deabru hauetatik! Lauhazka bizian urrutiratu ziren. Pinudia igaro eta laster ikusi zituzten zelai zabalak. Hura lekua egokia zen abiadura bizian aurrera egiteko. John, beti bezala, aurretik zihoan. Ekialdera jo zuten. Ze, bilatuz gero, handik etorriko baitzen Chivington koronela. Hura zen aurrera jo beharra. Batzuk aurretik eta besteak atzetik noiz harrapatuko. Batzuen zaldiak onak, eta besteenak haienak bezain onak. Azal gorriak gorroto biziz zihoazen ile adats berriren bat noiz harrapatuko. Noiz behinka tiro egiten zuten. Eta zerbitzari batzuk hil ere bai. Bi ordu igaro zituzten horrela. Batzuek gehiegi urrutiratu gabe. Besteak gehiegi gertutu gabe. Johnen taldean zerbitzari asko hil zen. Eta beste taldean ere batzuk hil ziren fusil deskargengatik. Beste batzuek ezin zuten jarraitu ziztu bizi hura. Horrela zihoazen. Halako batean Johnen zaldia kolpean geratu zen. Ez atzera, ez aurrera. — Ekin, segi aurrera — esan zioten lagunek. Alferrik. Ez zuen jarraitu nahi. Lokaztiaren aurrean zeuden: — Madarikatua — esan zuen Johnek —. Ahaztuta neukan lokazti hau hemen zegoela. — Bila dezagun lehengo pasadizoa — Harrisek. — Ia zortea dugun! — erantzun zion Jorjek —. Bestela gizaki hilak gara. Besterik gabe, ekin zion Johnek zaldiari. Sartu zen hau lokazti hartan, makurtu zen ia erortzeraino. Baina gero, altxatu zuen burua eta lepagaina, eta abiatu zen aurrera. Besteak atzetik. Baina bide hura ez zen behar bezain trinkoa. Eta besteak makilak bezala tinkatuta gelditu ziren han, Johnek beste alderdia harrapatzen zuen bitartean. Johnek lagundu nahi izan zien besteei. Alferrik. Haiei laguntzea beretzat kondenatzea izan zitekeen. Beraz, besteen egoera oso larria zen. Atzetik zetozen ehunen bat azal gorri. Buruzagi gisa Jalta eta Laino Gorri. Gero Ezkerraren ahotsa entzun zen: — Ez hil azal. Hori esan zuenean, tiro deskarga beltz bat entzun zen. Koronelaren zerbitzari guztiak, beltz eta mulatoak, lurrera erori ziren lokatzetan galdu arte. Besteak zaldi gainean zeuden. Harrisek adoretu zituen koronelaren seme-alaba: — Ez galdu itxaropena. Oraindik bizirik gaude. Beharbada laster iritsiko da Chivington koronela. — Egon lasai — esan zuen orduan koronelaren semeak. — Ni lasai nago — erantzun zion bere arrebak —. Gudari on baten seme-alabak gara. Eta hil behar baldin badugu, hilko gara. — Errenditzen al zarete? — galdetu zuen Ezkerrak. — Bai, errendituko gara — erantzun zion Harrisek —. Baina baldintza batekin. — Gure mende zaude eta ezin duzu baldintzarik jarri — erantzun zion Ezkerrak. — Bada nik baditut nire baldintzak — erantzun zion Harrisek —. Bi gazte hauen ile adatsak errespetatuko dituzue. Hori da nire baldintza. — Eta betetzen ez badugu, zer? — erantzun zion Ezkerrak. — Gu galduta gaude, eta onartzen ez baduzue, hemen bertan lokatzetan galduko gara. Guri berdin zaigu. Hori ez zitzaien komeni azal gorriei. Orduanl Jaltak esaten dio Ezkerrari: — Esaiozu baietz. Gero izango dugu ez betetzeko denbora. Orduan Ezkerrak erantzun zion: — Ondo dago. Onartzen dugu zure baldintza. Harrisek ordea, gehiago eskatu zion: — Zin egin ezazu Espiritu Nagusiaren izenean. — Zin egiten dut Espiritu Nagusiaren izenean. Gure gizonak ezin ziren lokatzetik irten. Orduan, indiarrak inguretako zuhaitz adar batzuk moztu zituzten. Haiekin zubi bat eginik atera zituzten handik. Jalta inguratu zitzaien. Zorrotz baino zorrotzago begira: — Lasaitu al zara? — galdetu zion Harrisek. — Bai, baina ez zeharo — erantzun zion honek —. Nahiago nuke aldegin duen beste gizon madarikatu hori hemen balego. A ze nolako ile adatsa zuen! Dena dela, ez dio axola. Egunen batean haren ile adats hori ere nire ezkutuan jarriko dut. Ez izan zalantzarik! Ordubete geroago azal gorriak ekialdera abiatu ziren. Aurretik, beti bezala, Jalta, Laino Gorri, Ezkerra eta Galdara Beltza zihoazen. Siux gudarien artean zihoazen lau gatibuak. Ondo lotuta, hanka eta esku. Mary bera ere bai. Eguerdian idi haragia jateko geratu ziren. Piztu suak eta erre zuten. Presoak erdian ipini zituzten inguruan zaintzaileak zituztela. — Guretzat dena bukatu ote da? — galdetu zien Harrisek besteei. — Nik ez dakit zer gertatuko zaigun. Baina oraindik bizi gara behintzat. — Makilaren zigorra emango ote digute? — Ez dut uste. Jaltak gurekiko beste asmoak dituela dirudi. — Zer asmo? — Hori nola jakin? Berak ez du ezer esan eta. . . — Beharbada, guda osoan preso eduki nahi gaitu. Hori horrela balitz, etorriko litzaiguke guretarren bat askatzera. — Nik ez dut horrelakorik uste — esan zuen Harrisek — Jaltak gurekiko asmo bereziak ditu. Bai. Bera da siux guztien artean gaiztoena, eta buruzagi guztien artean maltzurrena. Gu- retzat tortura bereziak dituela uste dut. — Nahi izan balu, hilko gintuzkeen — zioen Jorjek. — Beti da pozgarria bizirik ikustea. Gure itxaropena John Maxim jaunarengan dago. Ausarta da, eta saiatuko da gu salbatzen. Isildu egin ziren; bi indiar inguratu zitzaizkien bi plateretan haragi pila zekartela. Idi eta bisonte haragia zen. Sutan erreta. Itxura onekoa. Abiatu baino lehen, Jalta presoen aurretik pasa zen. Begiratu maltzurra bota zien, isekaz betea. — Deabruak eramango al zaitu! — oihu egin zion Harrisek. — Kontuz ibili zaitez gizon zuri — esan zion honek —. Nahi dudanean hil zaitzaket. — Eta zergatik ez nauzu, bada, oraindik hil? — Ez dizut azalpenik zor — erantzun zion Jaltak. — Esaiguzu, gutxienez, nora garamatzazun? — Laster jakingo duzue. — Zer egin behar duzu koronelaren semeekin? — Gero jakingo duzula esan dut, eta nahiko da. Jarri zen zaldi gainean Laino Gorri atzetik zeramala: — Jarraitu — agindu zion honi. Harrisek ganbusiarrari amorruz begiratu zion — Esaidazu zuk nora garamatzan? — Nire emazteak ez badizue esan, nik zer egin dezaket? — Zure emaztea ee? — oihukatu zuen Harrisek —. Madarikatua! Horregatik zaintzen zenuen hain ongi Minnehaha! Arraio hori, libratzen banaiz ez zara bizirik geldituko! Baina azken hitz hauek ez zituen entzun Laino Gorrik, ze zaldi gainean alde egin baitzuen. — Jaltaren senarra! — dio Jorjek —. Nork pentsatu behar zuen! Saltzaile alua! Damutzen naiz berarekin ibili izanaz! — Garbi dago berak salatu gintuela gu, pekari animaliak erasotu gintuzten gau hartan! — Eta gu konturatu ere ez indiar bat zela! — A zein zoroak izan garen! Orain damuak alferrik dira! — Gu engainatu gintuen! Baina horrek beste edozein ere engainatuko luke! — Nahiago nuke hartz beltz hark desegin izan balu — Jorjek. — Isildu adiskide. Badatoz koronelaren seme alaba eta ez da komeni hauek beldurtzea. Abiatu ziren. Ilunabarra zen. Bat-batean azal gorriak iparraldera jo zuten. Ilargi betea zegoen. Beraz, gau ikaragarria. Lau ordu igaro zirenean, urrutian argiunetxoak begiztatu zituzten. Harrisek ongi ezagutzen zuen bazter haien berri: — Uste dut badakidala nora garamatzan. Lehendik ere pasa dugu gau bat hemen. Gau ikaragarria! — Nik ez dakit, bada, nora garamatzan! — Nik uste dut, ziur nago — Harrisek — Misiora, Sarraskiaren Misiora garamatzala. — Otsoen kontra babestu ginen lekura? — Hori bera! — Eta zergatik ote garamatza harantz? — Auskalo! Baina laster jakingo dugu. Taldeak presaka zen, eta troska bizkortu zuen. Arrazoia zuen Harrisek. Berehala iritsi ziren Misiora. Han zeudenak kaixoka eta agurka hartu zituzten Jalta eta bere gudariak. Garaipen garrantzitsua iruditzen zitzaien hura. Jaitsi zen Jalta. Gero Ezkerra. Honek gure lau gatibuak jaitsiarazi zituen. — Jarraitu niri! — esan zien. Misioaren lur azpiko sotora eraman zituen. — Hemen utzi behar al gaituzue? — galdegin zion Harrisek. — Bai. Hemen seguruago egongo zarete —erantzun zion Ezkerrak irribar maltzurrez. — Gogoan izan emandako hitza . Bi gazte hauen ile adatsak errespetatuko dituzula agindu diguzu — gogorazi zion Harrisek — Beteko ahal duzu! — Aaa! Ahaztua nengoen! — erantzun honek maltzurki. Zelatariak barrura bultzatu zituen, elizara. Argi batek argitzen zuen kripta. Jaltak, pozaren pozez, galdetu zien zelatariei: — Non dago? — Hor barruan! — erantzun zuten gudariak barru barruan zegoen gela bat seinalatuz. Belar pila batean, gizon moduko gizaseme bat nabaritu zitekeen. Jaltak lastargi bat hartu eskuan eta harantz abiatu zen. Gizaseme irudizko nor hura larritu zen argia ikusi zuenean. Gizon hura, gizon indartsua zen. Bizar betekoa. Egoera tamalgarrian zegoen. Burua ilerik gabe. Buru soilean odolezko erreten ugari ikusten zitzaizkion hezurretan erantsita bezala. Indiar buruzagia inguratu zen. Indiarrek buruzagiari sakem deitzen zioten. Berarekin lau gatibuak. Eta galdegin zien haiei: — Ezagutzen al duzue? Bi gazteen ahotik oihu lastimagarriak irten ziren: — Aita! Aita! Besarkatu egin nahi izan zuten. Baina Jalta harroak ez zien utzi. Gero Jaltak esaten dio: — Ikusi dituzu zure seme-alaba. Bihar egunsentian zure begien aurrean ile adatsa larrutuko diet. Hori izango da nire mendekua. Abandonatu ninduzulako mendekua. Devandel koronelak ez zuen erantzun. Baina pizti basatien ahotik soilik irtetzen den amorraziozko eta minezko oihu lazgarri bat atera zitzaion. — Eta zuek beste biok — esan zuen Jaltak — zuentzako ere pentsatu dut nire zigorra. Gau osoa oinaze-makilan lotuta igaroko duzue. Hamaika barre eta iseka egingo dute gure gudariek zuen kontura. Merezi ere, merezi dute. * * * Beraz, gauzak horrela zeuden Sarraskiaren Misioan. Eta John? Non ote zegoen Joen? Kostaldetik lauhazka bizian zihoan. Inork ez zekien norantz. Ezta berak ere. Bide ireki bat ikusten zuenean lekutik aurrera jarraitzen zuen. Agian lagunen batzuk topatuko zituen. Itxaropen hori zeraman. Nahikoa zorte izan zuen, ze bide guztian ez baitzuen indiar bat ere topatu. Gosetu ere egin zen. Triste zegoen, ez baitzekien bere adiskideei nola lagundu. Ilunabarrean zaldi ilara bat begiztatu zuen. Zelai zabalean aurrera zihoazen. Ireki zituen begiak. Harriduraz beteta begiratu zuen. Ez ote zen bisio harrigarri bat izango? Ez zen halakorik. Benetako zaldunak ziren. Boluntarioak alegia. Barruak eman zion poz-zartada ezin etsi horietakoa izan zen. Indiar agenteak azkeneko gertaera azaldu zien. Besteek arretaz entzun zioten. Bederatziehun ziren, bi ilaratan jarrita. Sobra eta ge- hiago indiar guzti haiek menderatzeko. Hain zuzen, horretara zihoazen boluntario haiek. Azal gorrien matxinada ikaragarria menderatzera. Eta bere buru, hainbeste aldiz gogoratu zuten Chivington koronela. Johnek pertsonalki ezagutu zituen zenbait gudari. Hura poza barnekoa. Chivington koronelak arretaz entzun zion Johni. Eta eraso ustekabean eman behar ziela erabaki zuen. Bazekien inguru samarrean zela Misio ospetsua. Denek pentsatzen zuten behin-behinean, bederen, indiarrek han altxatuko zutela kanpalekua. Harantz abiatuko ziren. 1.864 urteko irailaren 29a zen. Gauerdirako hara inguratu ziren boluntarioak, John aurretik zutela. Suak berak agintzen zuen indiarrak non zeuden akanpatuta. Bitartean Jorje eta Harris oinazearen makilari lotuta zeuden. Tortura txarrenei hasiera emateko Jaltaren aginduaren zain. Oinazearen makilaren inguruan zeuden gudaburuak. Jalta berbera, ikuskizun odolezko haren antolatzailea, Minnehaha berbera, Galdara Beltza, Ezkerra, Laino Gorri eta abar. Chivington koronelak kanpalekua inguratzeko agindu zuen. Berak seinalea eman bezain laster, gudari boluntarioak ekaitz baten moduan erori ziren indiarren aurka. Laino Gorrik bakarrik egin zuen ihes; Minnehaha berarekin eraman zuen. Indiar buruzagi guztiak, banaka banaka hil ziren armarik hartzeko denborarik gabe. Jalta bakarrik gelditu zen bere zaldi gainean, bere gudari talde bat inguruan zuela. John urduri zegoen, Jalta madarikatu hura non ikusiko. Hura triskatu nahi baitzuen. Eta hara non ikusten duen. Ekin zion zaldiari, aurrez aurre jarri arte. — Azkenean hemen zaitut! — esan zion —. Kontu hau kitatu beharrean gaude! Besterik gabe, eta Jaltari ezertarako denborarik eman gabe, fusil tiro pare bat bota zion. Siux tribuko sakem buruzagi entzutetsua lurrera erori zen zerraldo. Hiltzera zihoan. Haren mantu zuria odolgorritzen hasi zen. Oraindik ere gauza izan zen indiarra Johni begiratzeko eta esateko: — Egunen batean Minnhahak mendekatuko nau! John pozik zegoen. Han bukatzen ziren bere lanak. Baina Chivington koronela maltzurra zen, Jalta bera bezain maltzur eta odolzalea; bilatu zituen emakume guztiak ezpataz pasa zituen. Umeak, berriz, hil edo txikituta utzi zituen bere su eta amorruan. Geroztik leku hura Chivingtonen Hilketa izenez ezagutzen du mundu guztiak. Han galdu zuen gizon bati dagokion ohorea ere. Emakume eta haurren errukia izan balu, handik jeneral izarrarekin joan zitekeen agian. Baina gorrotoak begiak ixten ditu. Eta hori gertatu zitzaion koronelari. Hamabost egun igaro ziren. Eta Devandel koronela ere indartu zen. Zauriak itxi zitzaizkion eta gorputza alaitu ere bai. Utzi zuen Misio ospetsua berak, bere seme-alabak, bi ehiztariek, Johnek eta Chivington koronelaren hamabi gudamutilek. Bere etxalde desegina zegoenez gero, bigarren emaztearen La Sonora izeneko lekuan zuen beste bateara erretiratu zen. Bazirudien azal gorrien matxinada bukatua zegoela. Laino Gorri eta Minnehaha bakarrik ez ziren gauza. Baina 1865an beste indiar tribu batzuekin elkartu ziren. Kavoway eta apatxe izeneko tribuekin. Beste urtebetean nahiko lanak eman zituzten. Zelai zabalak beretzat nahi baitzituzten. Gizon zuria etorri arte, bereak baitzituzten zelai zabal horiek. Baina 1867. urtea ere etorri zen. Guda latz hura gero eta okerrago joan zitzaien. Azkenean Kansas izenpean bakea egin beharra izan zuten indiarrek. Bake haren bidez, indiarrak gerora errespetatuak izango zirela agintzen zen.
BEHIN BATEAN SANTURTZIN Jose Mari Pastor Etxea eta familia; eskola eta lagunak; aisialdia, jolasa eta kirola. Haurtzaroko gomutak ekarri dizkit gogora Andoni Arenazak idatzitako testuak. Eta, horrekin batera, euskararen eta euskal munduaren aurkikuntzaren prozesua. Urte haiei buruz osatu duen une eta testigantza bildumaz hezurmamitu du prozesu hori: antzinako bizipenak, sentsazioak eta pasadizoak. Izan ere, umetako unibertso koloretsuak eta, aldi berean, sasoi hartako gizartearen argi-ilunek klisk egiten dute Andoniren deskribapen, hausnarketa eta balorazioetan. Eta kontakizunaren kutsu gizatiar umoretsuan. Aukeratutako gertakari eta eszenez baliatuta, atzera eramaten gaitu egileak, back to the past, behinolako oihal hitsa akuarela bizi bihurtzeko. Adibidez: etxekoek esandakoa -eta isildutakoa-, eskolan bizi izandakoa -cara al sol con la camisa nueva... astelehen goiz eta ostiral arratsaldeetan; “no os toquéis ahí abajo, niños” esaldia, erlijio irakaslearen ahotik-, kalean ikusitakoa eta sumatutakoa -zergatik ahoskatzen du aldeano horrek hain modu bitxian, Chomin del Regatok legez?-. Halako osagaiak bildu ditu Andonik, gure herriaren identitatearen suspertzea eta nazio bereko kideak izatearen sentimenduaren esnatzea azaltzeko. Txikitako eta gaztetako historia dugu Geu, “papá” esaten genuenok lana. Gure historia ez oso hurbila deskribatzen du -eta ez hain urruna: zer dira, bada, 40-50 urte gizateriaren historian?-. Ez da Bronxeko historia bat edo Behin batean Amerikan pelikuletako eszenategia. Beste film bat da, xumeagoa baina askoz gertuagoa, errealagoa. Maiteagoa: Behin batean Santurtzin. Garai soil bati emaniko begirada bizi eta tarteka malenkoniatsua nagusitzen da testuan. Ez iraganaren nostalgiak jotzen gaituelako, baizik eta atzera begirakoak denbora joana, hila, berpizten digulako eta, horrekin batera, orduko xalotasuna eta freskura. Frankismoaren azken hamarkadari errepasoa eman dio idazleak. 1975ean hil zen diktadorea. Adin jakin bat daukagunok oroimenean zizelkatua dugu data hori, mugarria izan baitzen gure bizitzan. Lehena eta geroa, Francoren agintaldia eta horren ostekoa bereizi zizkigun, aro berri baten inguruan uztartzen diren egonezinak eta esperantzak, helduarorako bidean. Hori dela eta, guztiz identifikatuta ikusi dut neure burua Andoniren lanean. Izan ere, nor bere garaiari lotua da eta gu, Andoni eta biok, garai horietako semeak gara. Eta Santurtzikoak. Kronika zatikatua da Geu, ‘papá’ esaten genuenok, bidaia iniziatiko bati buruzkoa, era batera edo bestera denok -edo gehienok- egin genuena. Batzuek hemengo perspektibatik hasi zuten bidaia. Andoniren kasua da: haren gurasoek Euskal Herrian zituzten sustraiak, eta hark Euskal Herria zuen erreferentzia, modu lausoan bazen ere. Beste batzuk, aldiz, ikuspegi urrutiago batetik abiatu ziren. Nire kasua da: gurasoak Espainia hegoaldetik etorri ziren Santurtzira. Bidaia horri hainbat bidetatik ekin genion. 13-14 urterekin Academia Montianok argitaratutako euskarazko metodoa irakurri genuen. Bihotz Gaztea elkartearen inguruan euskaltzaletasuna bizi zen eta hara joaten hasi ginen. Euskararen munduan murgildu ahala euskaldunak -zaharrak eta berriak- ezagutu genituen eta Fadura tabernara joan ginen, Rakel zerbitzariarekin euskaraz egiteko. Leku urrunagoetara jo genuen: Bilboko Encarnación plazara joan, autobusa hartu, eta tira... Durangora edo Arrasatera, hango kaleetan euskaraz mintzatzen entzuteko eta euskaraz egiteko. Euskararen mundua de Algorta hacia Guipúzcoa hasten baitzen, Andoniren aitak esaten zuen moduan. Zirrara eragin dit iraganeranzko kontakizunak. Narrazio (auto)biografiko honen hasiera eta amaiera lotzeak euskal mundurako bidaia iniziatiko haren irudiak piztu ditu berriro nigan. Aukera eman dit gure herria nolakoa zen, nolakoa den eta nolakoa izango den edo izan litekeen hausnarketa egiteko. Gure bizi nahia hemen dagoela sentitzeko. Norberak egindako bidea eta bizi izandako eboluzioa oroitzeko. Nik ere, Andonik bezala, papá esaten nuelako. GEU, ‘PAPÁ’ ESATEN GENUENOK Gaua da. Etxean jaun eta jabe den isiltasuna zerbaitek urratu du. Erdi lotan egon arren, Maddiren deia (ala Uxuerena zen?) argi aditu dut: “aitatxo, ura”. Sukaldera joan, edalontzia erdiraino bete eta Maddiren logelara noa. Txupetea kendu, edalontzia bere bi eskutxoekin heldu, eta poliki-poliki edan du. Muxu bat eman, eta ondo tapatzearekin batera, ohi lez, “ egin lo, bihotza nerea “esan diot, baina berak “ aitatxo, gelditu nirekin” erantzun dit. "Amesgaizto bat izango du buruan jirabiraka” pentsatu dut, eta ohearen ertzean eseri naiz; bere eskutxoa heltzearekin batera, ahopeka eta ahalik eta goxoen, “Basoilarra” abesten hasi natzaio. Segituan hasi da begiak biltzen. Logelako pertsianaren zirrikituetatik sartzen den argitasun xumea baliatuz, bere aurpegi politari begira jarri naiz. Ohearen ertzean nengoela, galdera bat etorri zait gogora: “...eta gure amak, gure aitak zer kantatzen zidaten, gau askotan, amantaldun otso hura, esku batean labana eta bestean sardexka zituena, nire ametsetan sartzen zenean?" Ideiarik ez dut, ziur dakidan gauza bakarra honako hau da: aitari deitzekotan, “papá” ateratzen zela neure eztarri izututik. Izan ere, hamarkada batzuk ez dira alferrik pasa, ez horixe! Bilboko ezkerraldea, Santurtzi zehatzago, Arrantzaleen auzoa are zehatzago, gure haurtzaroko aberria, nortasun handiko Mamarigak, Serantes mendiko lehen aldapek (haur gehienok sumendi itzali bat zela sinetsita geunden!) eta itsasoak mugatuta. 60-70eko hamarkadetan ... Zer desberdin, zer urruti oroitzen dudan! Kaleak, etxeak, kotxeak, tabernak, janzkerak... Bitxia da, baina mundu hura zuri-beltzean gogoratzen dut, kate bakarra (UHF ez baitzen sekula ikusten) zuen telebista hura bezala. Auzoko telebista bakarra amonaren etxe azpiko tabernan zegoen, Etxeandiatarren Higarillo izeneko tabernan, eta hantxe biltzen ginen, astean behin, auzoko ume guztiok, arratsaldez ematen zuten programa hura ikusteko, non Locomotoro, Valentina, Capitán Tan eta Los Hermanos Malasombra begirik kendu gabe miresten genituen. Telebista haren bidez ere, Eurovision ezagutu genuen. Musika mailan, Eurovision baino zerbait handiagorik, garrantzitsuagorik imajinatu ahal zen? Oraindik gogoratzen dut nola, 1967ko Eurovision hartan, haserretu nintzen nire anaia Jose Manuelekin, Erresuma Batuak aurkeztu zuen kantariarekin (bai, oinutsik atera zen Sandy ez dakit zer hura ) alderatuz, Raphaelek aukerarik txikiena ere ez zuela izango esan zuelako: ni Raphaelen fan sutsua nintzen neurri berdintsuan, gure amona Vitori, Manolo Escobarren eta Angelillorena zen. Giro hartan, “vascos” ginela esaten genuenean (harro esan ere! ), edo “del País Vasco” ginela esatean, zehatz-mehatz, zer esan nahi genuen? Mataza gorri eta hori erraldoi hartatik kolore zehaztu gabeko hari mehe bezain hauskor batzuk baino ez ditut gogoratzen. Adibidez... ESKOLAN “ Cara al sol “ abestea zerbait mekanikoa zen. Mastan beti egoten zen “piper potoa“ paisaiaren beste elementu bat zen, besterik ez. Guztiok kantatzen genuen, guztiok ikusten genuen, baina ekainaren 19a heltzen zenean, guztiok barik, neuk neukan protagonismo-lipar bakarra. Irakasleak, niregana hurbildu, eta esaten zuen: "...zurea bai zortea, Bilboren askapena ospatzen dugun egun berean jaio zinelako!” Niretzat, Bilbao (munduan hiri handiagorik zegoela pentsa zitekeen?) eta “liberación” hitzek osatzen zuten kontu hark usain onik baino ezin zuen izan, eta ni poz-pozik, jakina! Irakasleak niri esandakoa etxean kontatu, eta gure aitaren aurpegian ez zen ezta irribarrerik txikiena ere marrazten, edo-eta ulertezina egiten zitzaidan keinu bat egiten zuen (parte onekoa ez, hori ziur!) Athleticen hiriaren liberazioaren urtemuga eta nire urtebetetzearen eguna bat etorri, eta nire aita poztu ez? halakorik!!! Gertaera insolito hark zekarren haritxoak Gabonetan izaten zuen segida. Esaterako... ABENDUAREN 31KO AFARIAN Garai hartako urte zaharreko gau-giroa iltzatuta dut akorduan, arrain zopa, arkume eta otarrainxken usaina iltzatuta ditudan moduan. Gauerdian, auzoko guztiok ateratzen ginen balkoietara, portuan zeuden itsasontzien (zenbat eta gehiago hobeto!) bozinek eta S.O.S salbek osatzen zuten ikuskizunari begira. Portutik zetorren hotsari, suzirien eta plater hautsien zaratarekin egiten genion lehia, bai, plater zaharrak errepidera botatzen zituen hainbat auzokidek!.. Portuko eta auzoko giroa lasaitu ahala, atzera guztiok berriro sukaldera. Telebistan, aurreko urteetako antzekoa izango zen gala horietako bat ematen zuten bitartean, nire interesgunea mahaian zegoen. Berez batere berbatia ez zen gizona, Txus aitona, gau hartan itxuraldatzen zen. Pare bat kopa “Sol y Sombra” eta “Farias” bat (“munduko pururik onena” bere hitzetan) lagun, gurean gau hartan baino entzuten ez zirenak mahairatzen ziren. Franco, Gernika, Artxanda, alemaniarrak, mairuak, Jose Antonio Agirre, Santoña ... Gure aitona hala hasiko zen: “Rosa Luxemburgo batailoian alistatu nintzen, eta 37ko apirilean Gernika aldera joateko agindu ziguten, nire aitaren sorlekuaren aldera, hain zuzen ere. Hiri foralaren inguruko gaintxo batean kanpatuta, eta astelehena izanik, azokara joateko baimena eskatu genion sarjentuari, baina berak ezetz, gudan geundela eta erne egon beharra zegoela. Guda irabazita, anaia-ahizpatasuna nagusi izango zen mundu libertarioan, 2-3 orduko lan-jarduna eginez, munduaz gozatzeko nahi besteko denbora izango genuela esaten zigun. Guk, txakolin batzuk hartu eta baserrietatik jaisten ziren neskatxei begiratu batzuk bota baino ez genuen nahi; baina hantxe gelditu behar izan genuen, gogoz kontra, marmarka. Zeinek esango zigun bizitza osoan eskertu beharko geniola debeku hura? Arratsaldea zen. Zarata gaizto batek siestatik iratzarri ninduen, dendatik atera eta ... lepotik helduko ziguten nahi izan balute, hain baxu pasatzen ziren hegazkin alemaniar haiek! Gernika San Joan su erraldoi eta izugarri bat baino ez zen, hura triskantza, hura sarraskia! Eta gu hantxe, fusil zahar eta herdoildu haiekin... zer egin genezakeen munduko abiaziorik ahaltsuenaren kontra? Ezintasunetik jaiotako gure malko desesperatu haiek kanoikadak izan balira, di-da batean suntsituko genituen hiltzaile koldar haiek...” Laster lotuko zituen hura eta Artxandako bataila, non andazain gisa aritu zen; eta beti legez, Artxanda aipatu bezain laster, Jose Antonio Agirre aipatuko zuen, ekainaren 18 hartan, Bilboko Gran Vian, mendiaz gora zihoazen batailoiak despeditu zituena. Une hartantxe isiltzearekin batera, begirada lausotzen zitzaion aitonari, eta lipar horretan amonaren txanda iristen zen: “Txus, ohera!, zenbat aldiz esan behar dizut kontu zahar horiek ez aitatzeko umeen aurrean? Ulertzen didazu, ezta?” Eta aitonak oherako bidea hartzen zuen. Laster ni ere joango nintzen ohera. Gernikako bonbardaketa, alemaniarrak, Rosa Luxemburgo, Artxandako bataila, erortzear zen Bilbo hura... Nik eskolan Historia zen gustukoen nuen gaia, ederki nekien nor izan zen Viriato, Isabel eta Fernando, Pelaio... baina aitonak aipatzen zituen haiek? Rosa Luxenburgo, edo Jose Antonio hura, Bilboko Gran Vian heriotza ia ziurraren bila joan ziren gudari eta milizianoak despeditu zituena, ziur ez zirela eskolan ibiltzen genuen Alvarez Entziklopedian azaltzen. Jose Antonio bat, bai, ziur agertzen zela, baina Agirre, behintzat, ez zuen abizena, horretaz ziur nengoen. Gau magiko hartan azaleratzen zen mundu hura ulertu nahian harrapatzen ninduen urte berriko loak. Baina mataza hartatik beste haritxo batzuk ere ateratzen ziren. Adibidez... AMONAREN ETXEAN Vitori eta Txus aitona-amonen etxea zen arren, guretzat beti izan zen amonaren etxea. Amona sendiaren zutabea zen. Scarlata O` Hara baten antzera ez dakit inoiz "jainkoa lekuko, zin egiten dut ez dudala inoiz gehiago goserik pasatuko” gisako aldarririk egingo zuen. Izan ere, gose eta hamaika nahigabek jotako haurtzaro eta gaztaroa egokitu baizitzaizkion amonari. Dena den, aldarri hori egin zein egin barik, ederki eraman zuen praktikara, baina bere bizitzaren ardatza bilakatu zen aldaketarekin, “dut” delakotik “dugu” delakora pasatuz. Izan ere, harrotasunez esaten zuen bezala, “ezkondu ginenetik, ez guk, ez gure seme-alabek, ez genuen inoiz ezeren faltarik izan”; ezta geroago etorri ginenok ere, amona maitea! Itsasotik arrain nahikorik iristen ez zenean (amona sardina-saltzailea eta aitona arrantzalea baitziren), tabakoaren txanda izaten zen. Hantxe dakusat amona, balkoian, largabista porturantz zuzenduta, itsasontzien tximinietako banderei so. Panamarra bazen, ziur hurrengo egunetan mugimendurik egongo zela herrian. Kontrabandista txiki ugari zegoen gure alderdian, eguneroko soldata kaxkarrak, nolabait, osatu nahian. Gurera lauzpabost kartoiren bila, “el abuelo” deitzen genion agure bat etortzen zen. Elorriokoa zen. Txapel beltza. Gabardina luzea. Praka zarpail eta oinetako are zarpailagoak. Aitona haren bi ezaugarri gogoratzen ditut, zituen begi ezin urdinagoak eta azentua. “Z”ak, guk ahoskatzen genituen bezala, ezin ahoskatu harez gain, doinu goxo eta kantari hark txora-txora eginda lagatzen ninduen. Euskaraz hitz egiten zuen jenderik zegoela banekien, jakina! baina urrutiko zerbaitetzat jotzen nuen (“los de la parte del vascuence”, "eso de Algorta hacia Guipuzcoa" gure aita zenak esaten zuen bezala), horrexegatik aitona hura dut gogoan ezagutu nuen lehenengo euskalduna irudikatzean. Behin, gurean zegoela, trumoiak eta tximistak hasi ziren dantzan kanpoan. Gure amak “menuda tormenta!” esan zuen, eta orduan horixe galdetu nion nik, ea “tormenta” nola esaten zen euskaraz, eta berak “ekaitza” esan zuen. 12 urte-edo izango nituen, eta erantzunak txunditurik utzi ninduen, gure betiko “tormenta”, “ekaitza” esaten zen Bilbotik kilometro batzuetara, eta nik, eta guk, ideia gorririk ez!... Harrigarria zen zinez, are gehiago eskolan zenbait hitz frantsesez irakasten zigutela kontutan izanda, eta ukaezina zen Paris Elorrio baino urrutiago zegoela... Batzuetan, tabako bila barik, beti harrera ona egiten zion etxera, sukalde epelera etortzen zen. Halakoetan, soinu txikia bizkarrean zuela etortzen zen. Katilu handi bat kafesne eta gailetak aterako genizkion, hitz aspertu bat egin eta bukaeran, ordain gisa edo, pieza batzuk joko zituen. Argi zegoen “belarriz”, eta ez oso ona, ikasitakoa zela: izan ere, gehienetan, pieza bukatu ondoren, hark zein zen esan arte, ez baikenion doinuari antzik ere hartzen. Etxetik joaten zenean, segituan jotzen nuen nik balkoira. Handik begiratzen nion nik, gabardina zarpail, begi urdin eta soinu txikiak osaturiko agure hari. Arrazoirik ez dakigula, gurera etortzeari utzi zion. Handik urte pare batera, Bilboko Alde zaharrean ikusi zutela esan ziguten, kale-kantoi batean soinu txikia jotzen, euripean. Handik gutxira, ziurren, puskatuko zen mataza handi hartatik ateratzen zen beste hari mehe, ihar hura. Baina oroitzapenei tiraka, badago beste bat bereziki gogoratzen dudana. Esaterako... EUSKARA GURE AUZORA ZETORRENEAN... Agate Deuna bezpera zen egun hura. Urtero igotzen zen gure auzora talde bat. Bihotz Gaztea elkartetik zetozen. Kaiku berdeak, abarkak, makilak, txapelak, kriseilu bat ... Giro hotz eta ilun hartan kantari hasiko ziren. Kantatzen zuten hartaz ez nuen piperrik ere ulertzen, ez bazen azkeneko "eup" indartsu hura. Doinu horrekin, gure giroan beste bertsio bat kantatzen zen, eta hura bai, denok ulertzen genuen: "Cuando Agueda era pequeña, se comió un kilo de pan, y su madre como era tan buena, le dijo: hija come más"... Martiriari dedikatutako kantua eta gero, txistua eta danbolina lagun, beste abesti batzuk kantatzen zituzten. Horietako bat, Bat, bi, hiru, lau delakoa zen. Hasierako zenbaki horiek gehienok ezagutzen genituen, baina ondorengoa aditzean: "euskaldunak irabazi, irabazi, aurrera!! !, hasten nintzen nire interpretazioak egiten. "Aurrera" zer zen banekien, aitonari makina bat aldiz entzunda, arrantzan zebiltzatela, askotan jotzen zutelako Bermeoko edo Lekeitioko portuetara eta, han, bertako arrantzalei entzungo zieten. Baina..."irabazi?" Nik ez nuen "irabazi" ulertzen, "y La Basi" baizik. Gure auzokide batek Basilia zuen izena, baina denok La Basi esaten genion. Beraz, horixe pentsatzen nuen nik: emakume hura kantariek ere ezagutuko zutela, eta aipamentxo bat egin nahi ziotela, omemaldi gisa edo. Mundu hartatik gatoz... Egun beste beste begi batzuekin ikusten dut, baina giro hartan, talde zuri-gorria zer zen gure adineko mutikoentzat... ATHLETIC-EK JOKATZEN ZUENEAN Baina ez edozein partida, ez, Athleticek Real Madril-en kontra jokatzen zuenean gertatzen zenaz ari naiz. Hura guretzat ez zen futbol-partida bat, hura askoz gehiago zen. Hura aitonak aipatzen zuen Artxandako batailaren errebantxa zen, edo Intxortak galdu genituenekoa; gure aitonak, behintzat, hala sentitzen zuen, eta nik oso ondo ulertu ez arren, baita ere! Ulertu ez dakit, baina sentitu...dedio!! ! Asteazken buruzuri bat zen, eta arrazoia ez dakidala, Liga jardunaldia zegoen. Athleticek Bernabeun jokatzen zuen, eta hantxe ziren Iribar, Saez, Aranguren, Etxebarria, Rojo anaiak ...geure mutilak, hara! Kanpoan iparrak jotzen zuen. Amonaren etxeko sukaldean porrusalda-usaina zen nagusi, eta leiho ondoan, kontrabandoz ekarritako tekla beltz-zuridun irrati handi hura piztu genuen. Partida hasi berria zela, 40 metrotatik, Rojo II.ak zulatu zuen merengeen atea; lehenengo zatia amaitu baino lehen, nire idoloa zen Txetxu Rojok bigarrena egin zuen, hura zen hura!!! Bigarren zatia hasi bezain laster geure mutilen HIRUGARRENA!!! Hura poza, hura eldarnioa, hura jaia astegun buruzuri batetan, baina ez bakarrik gure etxean, oihuak, gorak eta bibak auzune osoan entzuten baitziren. Gure auzuneko guztiok Athleticzaleak ginen, hori amaren esne goxoarekin batera xurgatu baikenuen. 0-3 eta Madrilen!!! Madrilen, eta zehatzago, Real Madril-en futbol-zelaian! Aitonak faria piztu zuen, aitak ohikoa baino betexeago hartu zuen basokada ardoa, nire anaia eta biok barrez, oihuka... Amona, ama, izeko Maribi eta gure arreba Eguzkiñek txoroei bezala begiratzen ziguten, giroak kutsatuta, haiek ere urduri egon arren. Ordu laurden bat baino ez zen gelditzen eta, garai hartako gure ustean, maltzurkeria guztiak gorpuzten zituen talde hark gol bat sartu zigun (Iribar ez zen perfektoa, perfekziora hurbiltzen bazen ere) Emaitza pixka bat itsusitu arren, ez zen oso kontu larria. Handik 2 minutura bigarrena egin ziguten, eta Athletic ez zen bere areatik ateratzen... Ni izututa ez ezik, sasikatatoniko nengoen. Ezin nuen gehiago, amonaren logelara joan nintzen, eta ez entzuteagatik logelako atea itxi ez ezik, mendiruntz, Serantes-eruntz, jotzen zuen leihotik atera nuen burua; eta orduntxe izan zen, garrasi lazgarri batek auzune osoa zeharkatu zuen, ez dakit zein leihotatik edo balkoitatik atera zen, baina mezua oso argia zen: Inperioko hiriburuko taldeak 3.a sartu zigun. Partida minutu bat gehiago luzatu izan balitz, galdu egingo genuen, horretaz dudarik ez. 3-3!!! Hura amorrua, hura ezinegona, hura nahigabea, hura ezintasuna, hura ostia txarra... Aitona ohera joan zen, El Pardotik deiren bat egon bide zela esaten zuen bitartean; gure aitak ere “zer egingo dugu, bada, puntu bat Bernabeun ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez horixe!” esanez, oherako bidean jarri zen; nire anaiak ezer esan barik, niri begiratzen zidan; eta ni? bukaerarik gabeko negarraldi batean. Amak ni kontsolatu nahiean, “baina laztana, joko bat baino ez da; zure aitak baino hamaika bider gehiago irabazten duten 11 gizon baloi baten atzetik”. Nik ezin nuen ezta hitz bat ere esan, poetak esan bezala: “handia da ene mina, esan nahi eta ezina”, bestela amari esango nion (hitz egiteko ahalmenaz gain, urteen poderioz hartzen den dialektika apurra bezain hanpatua 12 urte inguruko mutiko batek eduki izan balu): “... joko bat? Zuk ez duzu ezer ulertzen, amatxo! Real Madrilen kontrako partida bakoitza Orreaga txiki bat da, aitonak aipatzen duen Artxandako errebantxa, mundu osotik fitxatutako jokalariez osatutako beste Armada garaitezin baten kontrako borroka; arbitro guztiak alde dituen taldearen kontrako dema epikoa; hori da aurrean duguna partida bakoitzean, eta ... gu zer gara? Futbol-talde bat? Ez, amatxo! Herri baten duintasun eta ohorea, kosta ahala kosta, defendatu behar dituen gudaroste bat”. Hori eta gehiago esango nion xamurtasuna dohainik preziatuena zuen eta duen gure amari, baina une hartan negarrerako ahalmena baino ez nuen. Oherantz nindoala, aitaren zurrungak entzun nituen. Nahigabetuta oheratuko zen, hori ziur, baina handik ordu batzuetara, egunero lez, goizaldeko 5ak aldean hasten zuen beste partida bat zuen zain. Barreiros zahar hartan, egunero Santurtzi-Gasteiz bi joan-etorri, Barazar portuan barrena egiten zuena. Gugatik hainbeste urtetan jokatutako partida haren aldapa elurtuek madrildarren 3. golak baino leku handiagoa lortua zuen, jada, bere gogo nekatuan (Eskerrik asko, aita! Ez dakit gure artean zeunden bitartean, zuk merezi adina aldiz esan genizun, baina badaezpada ere, berriro esaten dizugu) Ohean jada, partida bukatu zenetik hitz batere esan ez zuen nire anaiak zera bota zidan : “eta bihar eskolara joan behar al dugu?” Zer zegoen galdera horren azpian? Pereira eta “el cordoba”, eskolan gure atzean eseritzen zirenak. Galiza eta Andaluziako semeak ziren, hurrenez hurren, baina beste asko bezala, niri betidanik sekulako amorrua eman didana, zaldi txapeldunaren aldekoak, Real Madrilzale amorratuak, alegia. Horixe esan nahi zuen nire anaiak, zein irriño maltzur, zein barre-hots, zein begirada isekari helduko zitzaizkigun atzeko pupitretik? Nekedura, iluntasuna eta hainbesteko negarraldiaren eraginez lokartzear nengoela, Thorren mailukada basatiak, ingudean jotzean, ateratzen duen soinu zorrotz eta latzaren parekoa eragin zuen nire gogoaren barnean "baina... bihar eskolara joan behar al dugu?” galdera lapidarioak, nire anaiak berriro bota zuenean. Tamalez, erantzuna ez zegoen haizean, baizik eta zenbait ordu geroago pupitreen arteko bitarte hartan... Eta urteak pasatzearekin batera, beste hari bat agertu zen. Hari hura oso lanbrotuta ikusten nuen, geroko hamarkadetan gure bizitza, aldez edo moldez, arlo askotan markatuko zuen arren, hari hura jada mataza handi bat bihurtu zenean. Nirekin batera jaio zela esan daiteke, baina oso oihartzun urrunak baino ez ziren iristen niregana. Adinekoen arteko elkarrrizketatik seinale ahul batzuk iristen ziren, baita inoiz gure auzoko atarietan nahiko ilunak ziren esku-orri batzuk ere. ETArekin lotzen dudan lehen oroitzapen argia Eustakio Mendizabal, "Txikia"ren heriotza izan zen. Algortan izan zen, gure lagun baten aita Algortako geltokian zegoelako egun hartan, eta semeari kontatu ziolako. "Los del vascuence" hasten ziren lekuan, hain zuzen ere. Nik 12 urte nituen, eta pentsatzen dut berehala ahaztuko nuela gertakizun hura. Baina hari hark berehala zeharkatu zuen itsasadarra. Handik hilabete batzuetara, telebistaren bidez enteratu ginen, nola Hondarribiako hondartza batean, poliziarekin izandako "tiroketa" batean, santurtziar gazte bat hilik suertatu zela. Roke zuen izena, Roketxu auzoan. Poeta izengoitiz. 21 urte baino ez zuen, eta haren ama gure amonaren laguna zen. Familiari aukera eman zioten semearen gorpua etxean izateko, eta gure amonak ikusteko aukera izan zuen. Ezin konta ahala balen aztarnak zituen. Badakit aurretik beste heriotza batzuk egon zirela, hainbat koloretakoak, baina nik Roketxuren heriotzarekin izan nuen aurreneko kontaktua luzez iraungo zuen gatazkarekin. Athletic, Franco, Gernika, Elorrioko aitona, erdaraz gaizki hitz egiten zuen nire birraitona, “el gorringo” del huevo, “los hondakines “ del vino, las "kimas" de los arboles, la carrera de "goitis" (gure etxeko erdaran esaten zen bezala), ekainaren 19a, Agirre abizena zuen beste Jose Antonio hura, ETA ... 1974,75,76 aldean, zentzu zehaztugabea zuten pieza horiek guztiak zerbait osatzen hasi ziren, eta nire izeko Benitak guda aurretik Galeuzkak San Mamesen antolatu zuen dantza-alardean parte hartu zuela jakin nuen, baita gure amona Mauriziak sarri bisitatzen zuela Galdameseko batzokia ere; eta Zuberoa zer zen eta non zegoen jakin nuen; eta “Euskalduntzen” izeneko liburua irentsi nuen; eta kontua ez zela espainiar txar bat nintzela (institutuan maiz, saltsa abertzaletan sartu berriak ginen batzuei, irakasle batzuek esaten zigutena), baizik eta euskalduna nintzela, besterik ez. ... Eta Benito Lertxundi (zure Zuberoa diskoagatik, joan ginen santurtziar gazte batzuk Jaurrietatik Mauleraino oinez, 1978ko udan), Mikel Laboa, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Imanol (zein esker txarrekoak izan ginen Imanolekin...) eta gainontzekoek lekutxo bat konkistatu zuten nire bihotzaren zolan; eta nire bizitzaren Rubikon bat zeharkatu nuen (zeharkaldi horretan, dialektika hanpatu eta mitifikatua neurtzen, eta futbol-partida batek duen garrantziari tamaina hartzen ere ikasiko nuen, Athletic-en eta Real Madril-en artekoa izanda ere, nahiz eta batzuetan... Futbolak ez al gaitu noizean behin haurtzarora itzultzen?) “Aitatxo, berriro “Basoilarra”, eta ez joan, gelditu hemen, nirekin”. Handik minutu batzuetara Mari etorri da, eta ohera itzultzeko esan dit. Ohera joan aurretik, gauero bezala, lipar batean Maddi lokartuari begira gelditu gara, ondoren gauza berdina Uxuerekin egiteko. Umeei begira, ondoren gu biok elkarri begira, eta ez dugu ezer esan behar, sentsazio hori, sentsazio horiek, hizkuntza eta kultura guztien gainetik baitaude; baina hori, beste istorio bat da.
I – AMA-ALABAK Gertaera zarren albistarik euki nai badozu, neure irakurle euskaldun biotzeko; len-lenagoko emakume gozo maitagarri bat ezagutu nai badozu, zatoz neugaz batera Frantziaruntz; Auñemendi tantaiak igaro daiguzan biok, euskal etxe baten barruan sartu gaitezan (atseden bat egiten bakarrik, zerren gero asko ibilli bearko dogun), eta gauza bene-benetan ikasgarriak ikasten saiatu gaitezan. Baiña nekatuten bazara, eta bide luzeetan ibilteko gogorik ez badaukazu, zagoz geldi-geldirik zeure tokian: zeure gelatik urten baga bear dan guztia ikusiko dozu. Irudimen azkarraren ego zoliak zabaldu ditut, adimenaren argi zerbait erakuslea isioturik daukat, eta emendik prantzez anaien errietaraiñoko osterea berealaxe egingo dot, ango barri guztiak zuri ekartearren. Lenago bere izan naz bertan. Ez dago zeiñ erritan esan bearrik: naikoa da euskaldunen lurrean dala iakitea, eta liburutxo onetan esango ditudan gauza guztiak antsiñetan gertaurikoak dirala, orain amabi eunkida eta geiago, 638-garren urtetik aurrerantzean. Nire adimeneko argitxoa ainbeste urte erreskadaren zear barrura sartuko da, gizaldi luzarokoen laiño baltz astun guztiak desegingo ditu, eta gaur barriro ikusi nai nitukean laurka gogoangarriak argi eta garbi erakutsiko deustaz. Ames baten gisara sosmau nituan lenengo, gero paper zarretan egiak dirala ikasi izan dot, eta gaur, irakurlea, oraintsu batean neure begiakaz ikusi banitu legez esango deutsudaz zuri. Mendi andi biren erdian ibar eder bat nekusan; or eta emen, ibarraren zabalera guztian, mendi-egaletan, mendien gaiñean, eta zugatzen azpian euren burua erdi gorderik, etxe txiki txiro eta garbiak; eta nire aurrez-aurre beste etxe zar-zar zabal andi bat, aberats iauregi antzekoa. Arriz egiña zan, baiña ez nire egunetan ikusi ditudan etxeen irudira, pitinga-pitinga, zirika-zirika, astiunearen-astiunez leundutako arriakaz iasoa. Etxe au egiteko ez zan arri-errukirik izan; baiña arri-leunketan argiñak ez ebela lan andirik euki uste dot, bata besteen gaiñean ipinten bai baiña: aiñ ziran andi, desbardiñ, koskor eta koskaz beteak: malluagaz beste barik landutakoak zirudien. Iaungoikoak badaki iauregi au zer egikeratakoa zan. —Goazen barrura ateak eregita dagozan ezkero —esan neban. Olesik egin baga, zerren adiñak eta irudimenak ez deutsee iñori olesik egiten; iñok ikusi barik, bada arimako almenak iñok ikusten ez ditu, gizategi andi batean sartuten naz, eta billatuten ditut emakume bi eskuetako lanetan zeregindurik dagozala: emakume bata naikoa zarra, irurogeta amar urte ingurukoa bai, bestea gazte sasoikoa. Emakuma zarrenak idunetik eta beraiñoko soiñeko bategaz gorputz guztia estaldurik eukan, ule zuri ondo orraztuak burustalki zuri garbi baten azpian gordeten zituan, bekoki zabal zimurtsukoa zan, begi andi leiñargizkoak malkoz beteak ikusten iakozan, arpegikera guztian emakume on utsa zirudian: andra Luzia zeritxon. Neskatilla gazteak zeruko aingeruen antzeko arpegi biribill gozo leuna eban; gaztaiña margoko ule ugari eder, kopeta aldean eta belarrondoetan, berez, egokitasun andiagaz kiskurtua, eta begi baltz batzuk bai! eztitsuagoak ziran Mondarrain mendiko lorarik eztitsuenak baiño; ederragoak goizeko izarraren argitasun biguna baiño; garbiagoak Lamiñ-errekako ur garbi leiarrak baiño, erruezagoak umetxo iaio barri batenak baiño. Ez zan andia, ez zan txikia, ez zan zabala, estua ez zan: dana zan ondo neurtua emakume onetan, eta bere ibillera eta jira-bira guztiak oso liraiñ eta egokiak izan bear eben. Ni sartu nintzan une, aida edo liparrean geldirik egoan tinka-tinkaro bere Amari begira, maitasunezko begirada orretan bere gurasoa gorde eta poztu nairik. —Zergaitik negar, neure Amatxo, —esan eban Riktrudisek? (Au da neskatila maitagarriaren izena). —Zergatik, alabatxoa? —diño andra Luziak. Ik ondo iakin bear don. Iru egun eta Arnoldo etxera agertu ez dala, eta bildur naz, guda barriren bat or beeko prankotarren kontra asmauta, eure aita euskaldun gudarien buru eta zuzentzaille ipiñiko ez ete daben. Eta ez da gaur orain ogetamar urteko gizona. Guda barririk bada, neure senarrak etxetik urtetea ez neuke gura. Bere otseiñ, morroi eta maizterrak bialdu daizala: ez dau beste batek Arnoldok aiña gizon Euskal-Erriaren alde bialduko; baiña etxeko iauna gelditu deilla etxean, bada etxeak bere zaitzallea bear dau. Ganera, Mendiolako etxe-iaunak euskaldun lurragaitik naikoa egin dau orain artean. Ia bere bizitza guztian euskaldun gizonen nagusi izan da, eta Arnoldok bere sanetako odolagaz ortxe busti dau sarritan gure lurra eta ortxe nunbaiten ikusi ditu iausten bere seme morrosko biak, Ioanes eta Iñigo, banan-banago mutillak, eure anaiak, Rikitrudis! eure gurasoen poz eta atsegiña ziran ondorengoak. I oraindiño umetxoa intzanan eta... —Baiña, nondik, Ama, datorkioz, aiñ bidebagako gogamenak? Ez da gure Aita etxetik kanpora beste askotan bi eta iru egunean egoten? Ez da lagunakaz eizera ioana izango? —Ez, enetxoa. Ez da ire Aita aspaldietan eizera ioan. Nire gizona atzo goizeko umea ez da: bere lepo gaiñean larogei urte daroaz, asko nekatua dago, eta gordin itxurea badauka bere, ez dago gordiñik biotzean ez bada. Bai iñoiz eizera. Ai orduan! Azkarrak ziran Arnoldoren ankak, argia eta itzala batean bere begia, gogorra bere besoa, beso gogorrik gure mendietan bazan. Zenbat abere ikusi ete dira ire Aitaren aizkorapean! Gure oiñen azpian daukaguzan naurrak zerbait esaten deuskune. Artza bazan, otxoa bazan, basauntza ban, etxe onetara eiza ugari betorren orduna. Arnoldo, seme biakaz, emen inguruko larrabere guztiak amaituteko naikoa zan; baiña lagun asko etorten iakozan etxera, eta or ibillten ziran aldra andiak, oiuka, deadarka, garrasika, mendirik mendi, ibarrik ibar, basorik baso, euritan eta edurretan, zeru garbian eguzki ederra agertzen zanean legez bardiñ, eguna baiño lenago iagita gabeko orduetaraiño. Urteak dira orrelango barallirik etxean sosmau ez dodala, urteak abere naurririk Mendiola sartu ez dala. Dana dago emen zarra, etxea eta etxekoak, eu izan ezik, Riktrudis. Gure semeak il ziranezkerotik, Aita zarrak zankoa loturik dauka etxean, zu ikustean dauka bere poztasun bakarra, eta ez dau etxetik urteten zeregiñ andi eta premiñazkoren batek deitu ezik. Eta orduan bere beti bialtzen dau norbait non eta zetan dabillen esatera. Larunbat goizean, eu elizan intzan bitartean, Ozinbelzko Otxoaren morroi bat etorri iakon eske, ixil-izketan egon ziran biak, eta ioan ziran, neuri agur bat egin baga, eta euri bere ez, Riktrudis! Astelen arratsaldean gagoz, eta ez da iñondik agiri, ezeren barririk ez da. Zer deitzan? —Deitzot, Ama, gudarik dan edo ez dan ziartu ez dakigula, eta balitz bere, ez litzatekela izango Mendiolako Arnoldo, larogei urteko gizona, euskaldun gudarien burutzat iarriko leukeena. Euskal-Erriak badaukaz gizon goiendeko zintzoak: ara or Saratzupeko Lope, indarra besoan, argitasuna adiñean, sua eta garra berengandeko biotzean daukazana: ara or Ametzuko Gaispar, gizon leiala eta zuzendari burutsua: ara or Etxegoieneko zaldun gazte azkar eta izen andikoa; ara or Diego Etxalar eta Urdatzko Gonzalo napartarren gidari errimeak: ara or... —Alperrik diardun, Riktrudis. Esan dozan eta esango dozan gizon guztiak baiño izen andiagokoa da ire Aita, eta orregaitik, eta zartasunari emen gordeten iakon begiruneagaitik, berak nai badau, euskaldun gerralarien zuzentzaillea Mendiolako Arnaldo izango da. Eta nik neure senarra ondo ezagututen dot. Guda barri bat ostera, gure artean, guztiz erraz sortuten dan gauzea da. Eun urte oneetan guda bat amaitu orduko beste bat asi oi daroagu, or beeko prankotarrakaz, gu menderatu eta euren legeen azpian ipiñi gura gaituelako. Orañ berrogeta amaseiren bat ure 581garrengoan, iatzi ziran menditik gureak, otso amorratuen antzera, eta eroan zituen arerioak beterritik zear igesik gure lurretatik kanpora, artalde bat euren aurrean otsoak eroan oi daben era berean. Txilperiko II-garrena bialduta, Bladastes dukearen agindupean etorri ziran barriro: ugari etorri ziran, txiñurriak baiño ugariago, gure mendietatik euren etxadietarako zerbait eroateko asmoetan: baiña txiñurriak baizen erraz euskaldunen oiñazpian zapalduak izan ziran, eta Bladastesek galdu zituen betiko bere agintea eta bere izen andia. Bosteun eta larogeta seigarrengo urtean egin zan beste sarrera on bat; eta bosteun eta larogeta zortzian beste bat, gogorragoa eta obea, bada gureak eldu ziran Adurren ertzeraiño: an ikusi eben alkar Teobaldo dukearen ienteak eta eure Aitaren agindupekoak, an ezagutu eben Teobaldorenak zenbateraiñokoa zan menditarren besoa. Baiña ezin eben etsi: bosteun eta larogeta amalauan, Txildeberto Erregearen seme Teodoreto eta Teodoriko agertu iakozan ostera bere, iñoiz baizen indar geiagogaz, euskaldunai arpegi emotera: gureak ustakida geiegian egozan, eta ez ziran batu garaian eta bear ziran aiñan, eta prankotarren odolagaz erreka zabal gorriak egin bazituen bere, menderatuak zian ziran. Euskaldun bakotxak eun prankotarren kontra iardun eieban, eta milla listor bere, artz andi bat itoteko maikoa dira, guztiak bat egin ezkero. Orduko naigabea gizonen artean zer zan! Orduko negarra emakumeetan zelangoa! Egia esateko, ez ziran gero prankotarrok euskaldunakaz ain gaizki akindu: Jenial kondea izan zan emen erbestetarrak ipiñiriko agintaria, eta urte batzuetan beragaz bakean bizi izan giñan. Baina ez luzaroan. Etorri iakun gero beste agintari barri bat, Aighinam izenekoa, Sajontarra. Aserretu ziran gureak gizon orregaz, eta asi ziran errierta barriak. Aighinam gizon gogora zan, eta gogorrean gura eban agindu, baiña euskaldunagaz gauza on gitxi atera leike gogorrean. Aighinam kendu ebenean, bialdu euskuen Amando, gizon zuzuna, ona, eta euskaldunakaz gauza askotan bat egiten ekiana. Alanda guztiz bere, beti izaten genduan zerbait: ez zan Amando iatorriz euskalduna, eta emen, euskalduna izan ezik, atzerriko agintariakaz, doneak izanda bere, ez da egundo gauza onik izan. Oraingoa bere ez da ain txarra, baiña zerbait badarabilgu beragaz. Gaur goizean Pedro Mari gure otsein zar eta leialari deitu deutsat, Arnoldoren barriak iakitearren, eta Pedro Marik esan deust guda-zurrumurroa badala, zerren Ozinbelzko iauregian daukeen batzar bat euskaldun agintari askok eta Erebi mendirontz inguratu diran, Otxoak deituta, Urriña, Ziburu, Donibane, Getari, Bidart eta beste itxasaldeko iente biziak; eta beste aldetik, Ustaritz, Aitz-barren, Kanbo, Ezpeleta, Ioldi, Donesteban, Donibane, Garazi eta beste erri askotako mutill sendoak. —O! Zer negargarria dan, Ama, gizonak, anaiak izanik, alkarregaz beti gudetan ibiltea. —Ez dakin ondo, Riktrudis, zenbateraiño dan negargarria; ez dakin zein otza, zein bakarra gelditzen dan etxea, etxeko iauna gudetan dabillen bitartean! Zein luze eta tristeak izaten diran guda eretiko orduak bakartadean dagoanarentzat! Baiña nai eta naiezkoa da gu azpiratzera datozenen kontra guda egitea. Zek dakarz gure mendietan iente arrotzak? Zer galdu iake basoan? Zer deuseegu zor? Ezer galdu badabe, emongo iake billatzen dogunean: ezeren zorrik basdaukagu, emongo deutsago arpegia zorrari; baiña gure ekandu zar, oitura on eta txaboletako ienteai itxi daioela bakean: bego geldirik arrano goitarren abia, arpegiko narrua bere erpe gogorraren artean itxi gura ez badabe ikutzailleak; itxiu geldirik arkaitz-zuloetan bizi dan otsoari, bere agin artean zatitua izan gura ez badau prankotarrak. Bizi bitez arrotzak ordu onean euren erri beietan nai daben erara; baiña itxi daiguela guri gure baso-errian. Beian betarrak, goitarrak goietan, bakoitza bere tokian. Emengo emakume bakotxa leioi eme aserratua biño aserreago iarten da erbestetar gudaria ikustean. biotzean naigabea eta begietan malkoa dodazala, neuk, Riktrudis, neuk berotu ditut askotan etxe onetako gizonak erbestetarren kontra ioan eitezan; neuk, emakumea, emaztea, gurasoa, Ama izanik! neuk biraldu ditut prankotarren kontra neure senar maitea eta neure seme kutunak. —Arriturik nauka, ama, zuk Euskal-Erriari izan deutsazun maitetasunak. —Baiña gaur, —iarraitu eban andra Luziak, Riktrudisen esanari iaramonik egin baga—, negar asko egiña nazalako, edo neure sanetan odolak otzitu iatazalako, edo eu, Riktrudis, lurrean bakarrik gelditu ez adin, edo etxakiñat nik zegaitik; baiña Arnoldo gurea emengo gudarien aurretik ioatea ez neuke nai. —Ez da joango, Ama, ez da joango. Neuk dakit. —Ez dala ioango, Riktrudis? Euk dakiñala? —Bai amatxo... Zeure baimenik baga, etxe onen pozerako eta gure arimen bakeagatik gauza onetan sartu banaz, parkatu bear deustazu. Lau ordu badira Pedro Marik Ozinbeltzerontz neure aginduz urten dabela, Mendiolako iaunari esatera, guda barririk bada, ez dedilla guda orretan sartu, bada ez daukala iatorri zuzenik. Zeuk esaten deustazu, Ama, nire Aitak maite nabela, ni ikustean daukala bere poztasun bakarra, neuk bere badakit Arnoldo zarraren biotz leiñargiak zenbateraiño naben maite, bere mingoztasunen eztigarritzat naukala, bere aingeru iagole zerutarkotzat, milla bidar adierazoten emon deustanez. Orregaitik, bada, nire esanak beragan indar piska bat eukiko dabela uste dot; baiña ez baleukake bere, badaezpadan bere, eroan dau Pedro Marik beste eginkizun bat... Zeuk badakizu —iarraitu eban emen Riktrudisek, dana lotsakarturik, arpegia sugarretan eukala— badakizu zelan Ozinbeltzeko seme nagusiak... Iñoiz ez deutsat arpegira begiratu, egundo ez dau berba bat nire aotik entzun, kristinauen areiua dalako; baiña gaur bera dala guda onetarako zirikaria aitu dot eta... Pedro Marik esango deutsa, nigaitik ezer egin nai badau Portunek, amatau daiala gudarako sua, edo gitxienez, egin daiala zerbait nire Aita gudara ioan ez dediñ... Riktrudisek berbetan ziardun bitarte guztian, andra Luzia, eskuetako zeregiña itxita, bere alabeari artez artez begira egoan, konkortutako emakume baten antzera. Riktrudisek bere iarduna amaitu ebanean, andra Luziak esan eutsan: —Arriturik naukan, neure alabea, ezaut ezagututen. Noiztik eta ona az eu olangoa, Riktrudis? Noiz emon don oinkada bat bakarre eure Amaren baimen baga? Noiztik az aiñ eurezkorra? —Ara, bada, Amatxo, gure etxearen onagaitik, zeu atsegiñ apur bategaz ikustearren... —Bai, bai, ori bai; bein bere ez don, Iaunari eskerrak, gurasoen onerako ez dan gauzarik egiñ; maite dozuz eta maite abee; baiña zelan sartu az gizonen gauzetan, eta neuk ezer iakin barik?... —Ez zaite, Ama, aserratu: egia esagon deutsut, beti legez. Aurrez gogoratu iatan ez iatzula zeuri ondo iritxiko egitera ninoiana eta... —Ainbat gaiztoago. Orrek erakutsi bear euanan ez zala ona ik darabilnan asmoa. —Asmoa —parkatu eidazu, Amatxo— baiña asmoa ontzat euki dot. Guda bat beti da txarra, eta askozaz txarragoa zuzenbidetik ez datorrenean. —Eta ik, beastun bagako usakumetxoa, zelan dakiñ guda bat bide zuzenetik noiz datorren? Ori gizonak erabagi bear daben gauzea da, eta emakumeen iritxia iakin bear balitz, irea baiño lenago da eure Amarena, eta neuk esaten deunat bein bere ez dala bide txarrekoa euskaldunak prankotarren kontra asten daben gudea. Riktrudis, ik gaur egin donan lango gauzarik ez dau beste emakume euskaldun batek bere bizian egin. Esango daroe ez daukanala ik eure sanetan arako gure mendiak, gure izate eta izkuntza zarraren alde il ziran anaia erri-zaleen odola. Andre Luziaren itz-zaparrada guztia irri-barre gozo bategaz entzun eban Mendiolako alaba bakarrak. Baiña bere Amak azkenengo itzak esan zituanean, aingeru zoragarriaren arpegia gorritu zan bat-batera, bere begiak malkoz bete ziran, bere biotza mugidaldatu zan, eta leiñargitasun benetakoaren esanakaz erantzun eutsan bere Amari: —Ama, ori esaten badabe, ez dabe ondo esango. Beste edozeiñ emakume bestean euskalduna naz ni: neure sanetan neure anaia maiteen odola daroat, Mendiolako etxeko andrearen odola: ez neuke bildurrik izango euskaldun guztien aurretik, Aitaren ordez edo Aitagaz batean, neure erriko etsaien kontra, aizkora bat eskuan dodala ioateko, gure lurra, gure izkuntza edo gure izatea zematuaz baletoz: etsai ugariak ikusi arren nire aurrean, ezlitzateke orduan ikaratuko nire biotza, ez neuke dardararik izango nire besoan iente arrotzaren buruak erdibituteko: nire geien maite nai ditudan arimako ondasunak ostuteko gogoak balekarrez, guda zuzenean iokatuko genduke; baiña ez dago gaur, Ama, olango gauzarik: gizon gaizto batzuen bidebagako andi-nai izateak edo beste batzuen kurruka-egarria, aspaldietako ikusi ezaiñak, edo norbaiten umekeriazko eztabaidak, auts artean ia estaldurik egoan su kaltegarria barriro biztu nai dabe. Eta ori ez da ondo: gudara ioan bear da, guda egin bearra nai eta naiezkoa danean, eta ez batek edo bik bere griña zatar guzitai asete bat emon gura deutseelako. Orregaitik, Pedro Marien bitartez esan deutsat Aitari, gure arimen bakeagaitik, anaia prankotarren kotra ez dedilla ezertan asi, oraingoan beintzat. Bere alaba ederraren begi ederrak malkoz beterik ikusi zituanean, andra Luziari biotza samurtu iakon, damutu iakozan esanak guztiak, laztanka asteko gogan iatorkon, bere zeregiña alde batera itxi eban, eta, arturik bere iarrilekua, narraska Riktrudisenganaiño eroan eban. —Ez adi estutu, kutuntxoa, —zirautsan— ez adi estutu; danok dakie emen zeiñ etxetako alabea azan, eta zeiñ ona, eta zeiñ ederra, eta. Baiña, Iesus! Iesus! euk bere andiak esaten ditunan. Ez dedilla gure Aita anaien kontra asi! Gure anaiak noiztik ona dira prankotarrok, maite? Noiztik ona? Gure arerioak okerrenak ez dira beti? —Ai, Amatxo! Zeu, antxiñetarik biotzaren erdian daukazun naigabeak itxuturik ipintzen zaitu. Ondo dakizu, danok Iaungoikoagan anaiak gareala, eta geiago ostera sinekoak dira, eta, euren zorigatxez, euskaldun asko ez oraindaiño. Egia da prankotarrak gure arerioak izan dirala gizaldietan; ezbearreko gauza dongeak egin deuskuezala egia da; badakit euskaldun askoren odol garbia busti eta narotu dituala gure zugaztiak, prankotarrak dirala eta ez dirala; badakit eurakgaitik daukagula euskaldun guztiok biotz gaixoa barru-barruan minberaturik; baiña gizon arrotzak azkenengo gudetan egindako marratik kanpora daukaguzan artean, gure ekandu zar eta izateko ereari geiago ikututeko asmorik baga bakean bizi diran bitartean, gu legez kristinauak dirala gogoratu nai dot; neure lenengo urteetatik biotzaren erdian sosmau neban gorrotoaren su-garra amatau gura neuke; Kristo Iaunagan neure anaiak legez begiratu gura deutset prankotarrai, iruntzi-alak iruntzita bere. Kurrukarako gosea Iaungoiko guzurrezkoen erakusten oker bat baiño ez da: parkamenduko erakutsia, Kristo Iaunak zeruetatik ekarri euskun egia zuzena. —Ai neure alabea, ez aiz i Ama. —Baiña bai kristinaua, eta zeu, Ama izan arren, kristinau benetakoa zara gaiñera, zeuk uste dozun baiño obea. —Itxi daiogun gauza oni bakean, eta esan eidan gudarako bide onen iatorria zelan iakin donan. —Bai pozik, Amatxo. Ara bada: gaur goizean, sarri oi dodan legez, Amando apezpikoaren oiñetan autorrera on bat egiteko usteagaz, done Pedroren Elizatxora ioan naz. Neure eginkizunak amaitu ondorean, Amando Kristoren erakusleak beragana deiturik: «Aita non dozu, Riktrudis?» itandu deust. «Aita, erantzun deutsat, nire Aita, orain iru egun dala etxetik kanpora dabill, non ez dakit, iauna». «Ozinbeltzeko batzarrean egongo iatzu, beste etxe iauntzetako gizon askogaz batean», esan dau Amandok.«Beraz, —asi naz ni itaunketan— euskaldunak zeregiñ astunen baten gaiñeko batzarra dauke?» «Bai, —iarraitu dau Amandok—, bai, eta gauza onerako ez. Lengo baten, prankotar agintari batek eta Ozinbeltzeko Portun seme nagusiak, Aitz-barrenengo Eliza aurrean eztabaidaren bat izan dabe. Prankotarra bere bidean elizara eioan, eta Portun orrek, sinizte bagea eta arroxko samarra zelan dan, fedearen kontra zerbait esan eta barre eta ziñuren batzuk egin bear izan eutsazan fedezaleari, eta onek Iesukristogaitik arpegia erakutsi ebalako, alde batera eta bestera gizonak iarrita ukabilkadaren batzuk alkarri emonak izan bear dabe. Ordutik ona, or dabill Portun su eta garrak arturik, euskaldun altsu guztiai deiezka, Aitz-barrenen iazo zana berak nai daben eran guzurrakaz apaintzen, eta alde guztietan deadarka, ez dagola lur onetan gauza onik prankotar guztiak inguruetatik bein betiko kendu baga. Aitz-barrenengo kristinauak Otxoaren mandatariari ez deutse abegi onik egin, baiña beste euskaldun kristinau askok, ez iakiñean, ontzat emoten dabe guda barri gogor bat prankotarren buruko arrotasunak kentzeko (alan diñue), eta ez dakit emen zer gertauko dan, bada guzur-zaleak berenagaz urtetearren asmautako guda bat Iaungoiko egiazkoak ezin leike ezertara bedeinkatu. Nabillen toki guztietan bakezko mandatari naz ni, ez prankotarren aldekoa; (badakizu Dagobertok bere lurretatik erbestetua nazala, baiña alan bere ona besterik ez deutsat opa) ez euskaldunen arerioa: gizon guztiak ditut nik adiskide eta geiago Iesusen adiskideak badira: gizon guztiak gura nituke nik maitetasunezko lokarriakaz alkartu, eta orregaitik eta oraingo aizkorak artzea ondo ez dalako, euskaldun eta prankotarrak alkar barriro io eztaien alegiñak egin bear ditut. Bart arratsean Ezpeletako Ubero zarragaz egon nintzan, eta gizon arima garbiko aren laguntasuna badaukat, gaur goizean zuen etxera ioateko nengoan, eta poztasun andi bat artu dot zu emen ikusi zaitudanean. Mendiolako etxea izen andikoa da Euskal-Errian, eta etxe orretakoak nai izan ezkero... Arrenez naukazu, bear bada, Riktrudis, Iesusen izenean. Zuk neure lanbidean lagunduko deustazu; ez da alan? —Pozarren, iauna, —erantzun deutsat. Niri arrenik egin bearrik ez daukazu: nire arimearen gidari zuzena ia urte bi onetan zu zara, zeure gogoa da nirea, zerren zeure aotik entzuten dodan Iaungoiko maitearena. —Bai, zure biotzaren barri banekian nik: zuk lagunduko deustazu, bada; baiña zure Amak? —Nire Ama ona da, Iauna, —esan dot. —Bai, bai, ona da —iarraitu dau— badakit ondo, guztiz ondo dakit; baiña prankotarren aldetik ainbeste miñ artu dau gaixoak eze... Ara, Riktrudis, Pedro Mari morroi zarra Aitagana bialdu egizu... Amari esan barik. Zure Aitak zure begietatik ikusten dau, eta ona da, eta iakin daienean... Amari gero esango iako. Onenbestegaz agurtu gara, eta badakizu zeuk gero zer egin dodan. Ondo egin dot, Amatxo? Baietz esan eidazu, eta guztiz atsegindurik ipiñiko nozu. —Ondo... bai, Amandok esan deunana egia bada... eta egia izango da, apezpiko iaun egizalekoak esan dabenean; baiña ez dakit nik zergaitik naiagoko neukean berak Aitza-barrengo iazoera orren gaiñean esan deutsun guztia guzurra balitz. Ain nago prankotarrai buruaren erdian beste zartada bat emoteko gogotsua!... Eta zergaitik gura ete eban Amando iaunak euri emon deunan eginkizun ori ire Amak bereala ez iakitea? —Ez dozu igarten, Ama? Len bere esan deutsut bada. Zeure biotzaren erdian daukazun naibageak pranko eta euskaldun arteko gauzak ondo ikusten isten ez deutsuelako. —Naibageak itsutua ete nauka bada? Iesus milla bidar! Nik bere, beste gauza guztien gaiñetik kristiñau izatea gura dot ba. Samiñez beterikako Ama Maria, lagun zakidaz! Zeruetako Iaun Egille ona, parkatu eidazuz neure zorrak, nik neure zordunai parkatuten dautsedan era berean. Bai, miñ andia artuten dot, baiña guztiai parkatuten deutset. II – BATZARRA Ama-alabak Mendiolan itxita, euskaldun gerralari zar batzuk ezagututeko aukerea ez galtzeagaitik, Ozinbeltzera ioan nintzan ni, mendiz mendi. Errekondo zakon batean egoan Ozinbeltz ketan eta laiñotan. Keia, etxe inguruan egozan guda-gizonak egindako suarena zan; laiñoa erreka ertzetatik igondako lurrun edo ur zeia. Otxoaren iauregia egoan tokiak egoki piñiriko izena eban, Ozinbeltz. Bira guztian aldats andia eukan, Nibe ibai alderuntz izan ezik; ipar edo ego-aldetik, ia zutindurik egozan mendietako zugazti aritzez eta artelatzez ondo beteak; eta sasi, lar, ota, errolantz eta beste sastalari mueta askogaz iosirikoak, itzaltasuna emoteko aukeran egiñak zirudien. Basurdeentzat ez zan lekua makala. Erreka ariari iarraituta bdie ziortxu bat billatu neban, mendian bera. Iatzi nintzan. iauregi-aurrean goitik usten zan baiño toki geiago egoan. Erreka ertzean landa bat dago luze luze iarrita, zabal zabal ez baiña; eta landa orretan, or aldra bat eta emen bestea lurrean erdi etzinda, mutil morrosko eta gizon ederrak ziran geienak! Begi baltz andi bigunak zituen, betazal luze luzeak, bekoki zabal garbiak, ule baltzeran edo gaztaiña margokoa lepotik bera, samatik belaunetaraiñoko soiñekoak uel bategaz gerrian loturik, eta ardi ari edo ule lodiagaz egindako oial zati edo mantarrak berna lodi gaiñean. Sendoak zirudien gizonok, baiña bai onak bere: gudetarako egundokoak, baiña etsai menderatuentzat txit onak, onegiak: euren begi gozoak ezin eikien ukatu. Ikusmiratxoa naz, eta bein banaan gizon aldra guztiak ikusi eta zeiñ aldetakoak ziran iakiteko gogoa neukan; baiña geroago ikustekoan itxi neutsen: lenengo euskaldunen nagusi eta buruak ezagutu gura nituan. «Egingo neuke —esan neban— Ozinbeltz etxe andiko atarian, zugazti intxaur urtetsu orren azpian dagozanak dirala». Bai, eurak dira, eta onako aitona zaar ule eta bizar zuridunagaz izketan dagoan ori, Pedro Mari Mendiolako iauna berbera. A ze bepuruak daukazan! A zer sorbaldak! Ez zan ori gaztetan bertan berakoa izango! Baiña urteak urte beti. Azal arrakalatutako arbola zarren antzera zimurrez beteta dago gizagaoxia, eta esku gaiñetako zan guztiak agirian ikusten iakoz. Zer ete diñue alkarren artean? urreratu nadin eurakana eta laster iakin neike. —Bide onetatik ez datorrela? —Alan esan deust, iauna. —Eta zelan iakin dau? —Amando apezpikoak esan ei deutsa, Aitz-barrengo eliz atarian, Portunek eta prankotar batek eztabaidaren bat izan dabela, Portunek Elizara zioan prankotarrari barre eta ziñuren batzuk egin deutsazalako. —Prankotarra Elizara ei oalako? —Bai, iauna. —Elizara ei oalako esan dozu? —Bai, iauna, alan esan ei dau apezpikoak. —Eta alan izango da. Amando, ondo ezagututen dot neuk Amando, eta badakit gauza bat ondo iakin baga esango ez dabela. Orregaitik Ubero etxe iaun zarrak. Ondo da, Pedro Mari, artuik zer edo zer or nunbaiten, eta ioan adi etxera. Eta Riktrudis da andra Luziari esaiek an nazala biar. —Neketan dagoz arek zeu agiri ez zaralako, iauna. —Ioadi, ioadi: an nazala biar gaberako. Berealaxe, beste zeregitxu bat egindakoan. Banekian nik zerbait iakingo nebala —niñoan, entzunak entzun nituanean—. Baiña onara etorri nazan ezkero, gauza guztien barriak artu artean ez dot gelditu bear. Pedro Mari Portunen billa ioango zan, eta nik, ari iarraitu baiño, aitonen esanak entzutea gurago dot. Ondo ixillik egozan eurak. Bekoki illun asarrezkoakaz, arpegiz arpegi alkarri begiratu baga, bakotxa gogamen desbardiñagaz egon balitz legez, danak gauza bat bakarra buruan eukenean. —Zertan gara? —diño onetan Ozinbelzko Otxoak. —Nik neure eritxia esan dot —erantzuten dau Ubero zarrak—: gizon bik muturketa bat izan dabelako, Euskal-Erri guztia ez da barriro odoldu bear, euskaldunen izenari eta lurrari ikutu eziakonean. Bien artean ondu edo arautu daiela euren eztabaidea; baiña nigana baletor erabagi baten billa, egi zuzenaren alde erabagiko neuke, zeiñ euskalduna eta zeiñ prankotarra dan begiratu barik. —Bada nik —esaten dau, ukabill biak gora iasota, begietatik txipartak dariozala, gizon sendokote moldakatx batek (Diego Etxalar ei da)— nik, euskaldun bat eta prankotarra burrukan ikusiko banituke, geiagoko barik io buruan eta amaituko neuke erbesteko gizona. Atserritar guztiak lurpean sartu artean ez dago emen gauza onik. —Ondo esana! ondo esana! —diñoe askok. —Ubero —esaten dau astiro astiro Mendiolako iaunak, Diego eta bere lagunen deadarrak aintzakotzat artu barik—, zure zain egon gara emen ia egun bian, Aitz-barrengo alde orretan zer gertau dan zuk ondoen esango eunskuzulakoan, eta euskaldun batzuk gure ienteari ez deutsago deitu nai izan zure eritxia entzun baga. Etorri zara, nekeztxu, eta ez bestetan oi dozun legez guztiz gogotsua: esan deuskuzu, zure ustez, muturketa bategaitik ez dala euskal mendia odoldu bear barriro; eta gaiñera, zugana iñor erabagi baten billa etorriko balitz, egi zuzenaren alde erabagiko zeunkeala. Itz egiguzu emen argi eta garbi: Aitz-barrengo eliz atarian izandako muturketa orretan, zeiñen alde erabagiko zenduke? —Ez daukat neure gogamena zergaitik estaldu —erantzun eban Uberok ausardi andi bategaz— prankotarraren alde! Uberok itz onek esanaz batera alderdi guztietatik deadarte gogor zarratu bat iagi zan, zutindu zan Otxoa, eta esku bat aizkora-kirtenean ebala eta bestea ukabildurik, Uberori, izugarrizko amorru batean, eta aotik bitza dariola, esaten deutsa: —Prankotarraren alde eta neure semearen kontra Ezpeletako iauna? —Bai, —iarraitzen dau Ezpeletakoak, bero bero eginda, zure semearen kontra eta egiaren alde. Zure semeak iraindu dau neure Iaun Iesukristo, Iaungoiko egiazko bakarra, eta prankotarrak atara dau Iesukristogaitik arpegia, eta neuk bere bai, emen, edonun, noiz nai. Iente guztia asi zan gora-goraka eta garraxika, mingaiñ danak iñakiñ eta erasorik oker, gaizto, zorrotz eta mingarrienak esan, eta estarri guztiak oiu eta deadarrik garratzenak bota zituen; etzinda egozan gudari asko euren lekuetatik iagi eta batzarreko nagusien inguruan iarri ziran; eta azkenez, Ozinbelzko txakurrak eurak, zerbaiten perill gaiztoa sosmau balebe legez, asi ziran zaunka-zaunkaka. Zer zan ango lazka eta matasea! Baiña Mendiolako Arnoldo ospatsua iagiten da bere lekutik, urteten dau lagun guztien erdiraiño, eskuetako makillea iasoten dau, ixiltzen dira ienteak morroi aserratuak nagusiaren aurrean isiltzen diran antzera, eta bere bizar zuri luzeak dardaraka daukazala, esaten dau gogor eta garbiro: —Euskaldunak, ezagututen nazue ni? —Bai, iauna, —erantzuten dabe danak batera. —Euskaldun ontzat naukazue? —Bai, iauna, Zeiñ obea? —Ukatu deutsat nik iñoiz Euskal-Erriari nire beso eta nire odola? —Ez, iauna, iñoiz bere ez. —Bada neuk diñotsuet, orain batzuek asmau eta asi nai daben guda onetan, nik eta nireak ez dogula aizkora bat artuko, ez dogula arri bat iaurtiko prankotarren kontra, eta guda onetan asten danari begi txarrakaz begiratuko deutsadala. Ondo esan dau Uberok, eta ez daukazue zergaitik aserratu: epaia beti egiaren alde emon bear da, eta Aitz-barrengo gertaldi orretan egia euskaldunaren kontra dago, edo garbiroago esateko, euskaldunarena da errua. Ozinbelzko iauregia ez da Kristoren siñizmenekoa, beste euskal etxadi asko ez diran legez, eta iauregi orretako semeak prankotarra kristiñaua dalako iraindu dabenean, ni iraindu nau eta beste kristiñau asko iraindu gaitu, kristiñau bizi eta kristiñau il nai dogulako. Kristiñau gudalariak, egia iakin dogun ezkero, ez daukagu emen zer egiñik: bakotxa geure etxera goazen eta Iesusen arerioakgaitik erregutu daigun. Ez eban iñok Arnaldoren kontra itz bat atera: makurtu zituen euren buruak, eta gizon guztiak asi ziran sakabanatuten ixil-ixillik, arimak atsekabez beterik eroiezala: batzuk gudarik izango ez zalako, beste batzu, oraindik euskal mendi ederretan Kristoren etsaiak bizi ziralako. Baiña ientea zabaldu baiño lenago Otxoak deitu eban: «Arnoldo, ez zara nire iauregitik era orretan ioango, gaba gaiñean dozula. Sinizmenak alde batera bota daiguzan: danok gara euskaldunak, eta alkarregaz sarri Euskal-Erriaren alde iokatu dogunak. Nik eta neureak ikusiko dogu biar zer egin bear dogun; baiña bitartean Ozinbelzko ateak zabalik daukazuz, eta sartuko zara bertan apaitara eta lotara. Eta ez bakarrik zu: sartu bitez gaiñera euskaldun agintari guztiak: danentzat egongo da zer iana eta nun etziña, eta baita morroi gudalarientzat bere». —Mendiolako iaun leiñargia —esaten dau onetan Portunek, iñok uste barik gizonen artean sartuta— ez naz batzar onetan egon azken artean, eta zure itzak baiño besterik ez ditut entzun. gogortxuak izan dira, baiña alan bere, ez nauzu sumindu. Zeuk nai dozula bere ez naz zugaz aserratuko, Eta gaiñera prankotarragaz eztabaidak arautu eta zuzentzeko neure besoa da naikoa eta geiegi. Geiagoko baga, gudalari guztiak zabaldu ziran ona eta orra, batera eta bestera, mar, mar, mar, entzun eta ikusi zituen gauzak bakotxak bere gisara zabaldu eta erabagi naian. Donibanetar gizon biren esanak bakarrik entzun neban nik. —Zergaitik deitzak, Manuel, ain umill eta itz bigunekoa egon dala gaur Portun, Berez aiñ arro putza izanda? —Ez al dakik? Urteak dira gizon ori Riktrudisen atzean dabillela eta... —A! Ta, ta, ta... III – IRU ERESI Askotan esan oi da, eta egia anditzat daukat, lurrean izaten diran gertaera bakotxaren gaiñean bere iritxia ez daukan gizon bat bakarra ez dagola, batzuetan emon, erakutsi edo agertu gura ez badau bere. Baiña ez da izaten bakotxak bere adimeneko argi erraiñoaren indarrez asmau edo billatua. Gizonik geienak beren zentzun guztiak ugarturik legez, eta adimendua lotan edo lizuntzen euki oi daroe, bapere lanik eraginte ez deutselako. Orregaitik euren egikizun guztietarako besteen argibidea eta esana bear izaten dabe geienetan edo beti eta iñok zirikatu ezik ezleukee oinkada bat bakarra egingo. Zeintzuk dira, gaur dan egunean bertan, gure Euskal-Erri errukarriaren samiñak gozatuteko lanean diarduen gizon berezkor argitsuak? Euskal izkuntza ederraren gaiñean bear dan era eta zakontasunbagaz lan egiten daben gizonak zenbat dira? Iru edo lau, edo bost edo sei: edozetara bere gitxi: beste guztiok bataren edo bestearen eritxikoak gara; baiña geure aldetik ondar ale bat ez dogu ipinten... Iñoiz bere siñistu bagako gauzarik ez eban esango; baiña bai agintarien esana errez siñistu, ume batek gurasoarena legez. Eta bein siñistu ezkero, olango gizonak siñismenaren alde ipinten dabe laster adimen ugartua, euren biotz andia... eta ukabill gogorra. Gudari nagusien artean iritxi bi egozan: batzuk guda zorrotz eta ikaragarrizko bat gura eben; beste batzuk (ez geienak, baiña onenak bai), Arnoldok itz egin eban ezkeroztik, barriro gudetan asteko magonean egozala ez eritxoen. Lenengo esan dodan ustekoak ziran Diego Etxalarrek ekarri zituen morrosko gazteak, eta euren guraria ez eben ukatuten. Su andi baten inguruan egozan aldra batean Etxalarren mutillok, beste erri batzuetakoakaz batera, Otxoaren upalategiko sagardauak edaten, eta olango babaguneetan oi dan legez, piska bat birbisturik, batzuk asi ziran eresietan. Orduan, Ustaritsko gizon batek deitu eban: «Non da Peru padar koblakaria? Datorrela ona, eta esan daigula eresi gozo bat». —Emen al da Peru padarra? —itandu eben besteak. Peruk, alargundu zan ezkero, ez dau bere Txoldogaingo txabolatik lagun artera urteten, gertaldi andi batean ez bada. —Bai, emen da, —erantzun eban Ustarits-koak. —Datorrela bada, datorrela, —deadar egin eben guztiak. Eta esan eta egiñ, bere eske ioan ziran norbaitzuk, eta ekarri eben laster, beste lagun batzuen artetik, gizon andi, gurgarri, urteakaz makurturiko bat. Txaloka artu eben upalategiko ienteak. —Ea zarra, ziñoen, euskal koblakari maitea, esan eiguzu gauza gozo bat. —«Gazte egunetakoa» —deadar egin eban batek. —«Gudarakoa» —beste batek. —Nai dabena, nai dabena —ziarduen geienak. Koblakaririk onenetakoa zan Peru. Bekian biotz samur eta bero bategaz itz egiten, etorkizunaren barriak ezagutuko balitu legez. Igarle baten antzera itz egiten bekian; iñoiz bere aotik urtendako itz gorituak euskaldun gudarienak berotu oi zituan: baiña egun guztietan ez da gizona tentun batean egoten, eta egun atan ez egoan Peru gizonen biotzak ausardituteko tentun, gogo edo indarrean. Koblakaria, inguruko gizonak aora begira iarri iakozala ikusirik, gogamena bere lenagoko egunetara iazoaz, bakartadean itz egingo baleu legez, epel-epel, bigun-bigun, samurtasunik andienagaz, asi zan negarrezko soiñuan eresi au esaten. «Neure emazte Manu Mari, Zeiñek ein nau ni Koblakari?». Zugaz bizi nintzanean Baserri zar txukunean, Gorputz sendoa neukan, da Maitasuna biotzean! Maite neban emaztea, Zar zanean naiz gaztea. Maite neban! Eta nintzan Era berean maitea. Gorputzean odolak otz, Buru zuri eta azur zorrotza, Gaur... bakarrik bizi naz ni Neure errian bertan arrotz! «Neure emazte Manu Mari, Zugaitik naz ni Koblakari». Peruk, biotzak bear eban antsikaitza legez, bere lenengo eresi edo kantua amaitu ebanerako, entzule asko batu iakozan, eta norbaitzuk samurturik gelditu ziran. Gizon gazte batek ipiñi eban koblakariaren eskuetan sagardaoz beterikako olezko ontzi bat, Peruri esanaz: —Iazu eta edaizu, lagun zaarra, eta zeure naigabeok alde batera itxizuz. sarrera ona egin dozu, beti legez, baiña bigunegi edo, samurregi edo, ez dakit nik zer esan bere. Ezgaikezuz geiegi oillotu, biar edo etzi iñoiz baiño gogorragoak izan bearko dogu eta. ea, esaiguzu gudarako eresi bat. —Peruk, zurezko ontzia eskuetan ebala, ezpanetara eroan barik, zeruruntz begira, danon erdian, suaren garrak eta biotzeko mugidaldeak gorri-gorri eukala, asi eban bigarre eresia: «Neure emazte Manu Mari, Zugaitik naz ni Koblakari». Baiña zu baizen obeto Maite dot neure mendia, Euskaldunen iaioleku Eta aitona zarren obia. Arrotza emen ikustean Zaunkaz oi da zakurdia, Perill ordu estuetan Erestun koblakaria. Ta eresiak berotzen dau Euskal baso-gudaria, Ta zaukatik ez dago urriñ Zakurraren ainkadia... Zenbat bidar urratu dot Oiuka neure eztarria!... Ozinbeltzek, zenbat bidar Entzun dau nire irrintzia! Zenbat aldiz berotu dot Euskal gizonen biotza! zenbat bidar ikusi dot Nire ondoren eriotza! Zenbat aldiz odoldu dot, Neure aizkora zorrotza! Zenbat aldiz amaitu dot Bizar gorridun arrotza! Zenbat bidar ikusi dot, Gure mutill menditarra, Besoetan ipiñiaz Ekaitz guztien indarra! Begietan tximistea, eta infernuko su eta garra, Eta aren aurretik igesi Mendiz beera prankotarra. Ori, ori, koblakaria —ziñoen Otxoaren mendekoak eta Portunen adiskideak— ainka eta zaunka, ikaratu eta zatitu eta ian eginb ear ditugu prankotarrak ostera bere. Aurrera, Peru! Aurrera, zarra! Gaur naz zarra, eta atzo gazte! Zein arin doian guztia! Bitartean idoro dot Urtien erakutsia. Gaur badakit ez dala ondo Zentzun baga zaunka eitea Eta bakean doianari Ortz azurrak ezartea. Geldi oraino, menditarrak, Bakotxa geure lekuan: Elduko da ereti ona, Eta aupa mutillak orduan! «Ori, ori!» «Ederto!» «Txarto!» «Kanpora agurea!» «Aurrera Peru!» Iaungoikoak daki zer zarata eta nasteak atera zituen Peruren jiran, azkenengo eresia amaitu ebanean. Bakotxak bere nagusiak eukan iritxiaren alde egiten eban oiu. Milla bat keiña, betzigo eta irain alkarri esaten nekatu ziranean, oraindik askoren orruak entzuten ziran: «Aurrera, aurrera, Peru!» Padarrak, oso beregandurik, eta bapere aserre baga, beti zerura begira, iarraitu eban erestun: «Neure emazte Manu Mari, Iaunak ein nau ni Koblakari». Illargi eta eguzki eder, Zeru goietako izarrak; Baso, txara, zugaztiak; Be-aldeetako ibarrak. Mendi tantai, errekondo, Ibai zabal da itxasoak, Gizonentzat sortu ditu Gure Egille Iaungoikoak. Beragaitik bizi naz ni, Beragaitik gara euskaldun... gauza guztien gaiñetik Euskaldunok maite daigun. Maite dot nik sorterria! Maite neban emaztea! Baiña bien gaiñ gaiñetik Maite dot neure Egilea! «Neure emazte Manu Mari, Iaunak ein nau ni Koblakari». Peruk bere eresiak amaitu zituan, eta eskuetan eukan ontzi sagardaoz betea lurean itxi eta aldendu zan gizakumen artetik. Ez ziran gizonak berealakoan sakabanatu. Andik eta ordu betera entzuten ziran ondiño alkarri esaten eutsezan sapokeriak, urriñeko aldetik, bata batera eta bestea bestera zioazala: —Uutik, sazkel ipurdi arraiuori! —I, badakit nik ze aizan i, ganbelua galanta. —Baita i astaputz zantarra. Baiña ez zan ukabilkadarik izan, eta esanak aizeak eroan zituan laster, mendi egaletako oiarzunetan atseden mailla batzuk eginda gero. Gaberdi alderako dana egoan ixil ixillik. Goi aldean zeru garbi, urdiñ, odei bagea, izarrezko begiakaz lurrera begira; eta beian barriz errekatxoa menditik berako arkaitz artean zolitasun eta zarata andiakaz, eta Ozinbeltz ondoko landa lau louzean geldi geldi, iñor esnatu gura ez baleu legez; ariztiak iguiñ eta zabunik baga beso orritsuak zerurontz iasoaz; eta erretxiñol bat makal gaiñean ereslari. Gizon guztiak lotan egozan, gau ederraren apainduriak ikusteko adore barik. IV – PORTUN BARRUTIK Baiña ez egozan danak lotan orraitiño. Ozinbeltzko iauregi bazter batean, Otxoaren seme nagusi Portun bere oe zabalean bira-biraka begiak ezin itxirik egoan... Gauza asko igaro iakozan egun atan. Goizean —ziñoan bere artean— itxaropenez beterik egon naz, neure amorro guztiak aseko nitualakoan, prankotarrai, eta batez bere neugaz burrukan egiñ ebanari, lurra ian eraginda. Lurra ian bakarrik? Ez, gauza utsa da ori. Basea eta zikiña iruntzi eragin, makilka zuzitu, nire arpegian ipiñi eban eskua aizkorakada baten ebagi, ostikoagaz aoan io, zapal-zapal egiñ, esteak atera, birrinduta itxi; obiratu baga, bere gorputz odolduaren zatiak, erroi, buzuka eta arranoak ian eiezan. Baiña ez, ill baiño nenago, azkenengo orduan, begiak malkoz beterik eta erruki eske eukazanean esan baga: «ez ekian ik, gizagaoxoorrek, zeiñegaz ebillan: iakiñ eik ontxe, iñoren laguntasun barik illtzen agoala, Portunegaz ezin leikeala euki iolas, txokorreria eta arrotasunik, eta bere eskuetatik ezauala aterako eure Iaun Iesukristo orrek». O! Zer poza eukiko eban orduan Otxoaren seme zarrenak! Zelango ikara eta bildurragaz begiratuko eutsen, egun atatik aurrera, prankotar guztiak! Baiña arratsaldean bira iakozan bere itxaropenak, eta bere asmo eta atsegiñ danak iges egin eutsen. Uberok eukazan erruak. Agure petral malmutza! Etxakon ba buruan sartu euskaldunak guda barrirako mugonean ez egozala? Mugona emongo neuskio nik ari. Guragoko neuke io bere buru murri soillean, eta amaituko balebe Euskal-Erriko arerioak. Gaur naiago biar baiño. Eta gero zarra dala eta, argitsua dala eta, euskaldun bikaiña dala eta, danak berari aora begira, zer esango daben zaiñ; eta Etxalarrek esan dabena, eta nire aitak ziñoana... arraio-arraiua! Kristinauak esaten dabe gero, kristinauak. Eurak ei dira onak eta zintzoak eta lagun geideari Iaungoikoaren izenean gura deutsenak. Tximista batek erreko al ditu ba danak! Danak gero, kristinauen asterrenik gure mendietan gelditu ez dedin. Iaungoikoaren izenean guztiai gura deutsela. Gura izatea dok ori. Eurak izan balebe burruka bat nik izan dodan lakoa. Eta gaur illuntzean Arnoldok esan dabena? Milla aiñaniñuen agurea! Bere eskuetan egoan ba dana. Berak esan baleu «gudara!» euskaldun guztiak gudara ioango ziran; baiña berak ezetz esan dabelako, ezetz beste guztiak bere. Iakiña da emen. Izen andikoa izan da beti eta... Neurea nebalako? Eta zer? Zer eta emen prankotarra, atzo goizean agerturiko arrotz lapurra baizen besterik? Eta zeiñek ez dauka lapur bat irainduteko eskubidea? Kristoren sinismenekoak ezgarala! Sinismen orrek e, ez dakit gaiñezka eragingo ez ete deustan. Orain artean ondo bizi izan gara fede zarreko gizonok beste euskaldunakaz; baiña emendik aurrerantzean... Emendik aurrerantzean bere bai. Bearko! Riktrudisegaz adiskide izango banaz. Ez daukat beste biderik. Baiña, madari madariena! Zelan otu iako gaur eztia baiño gozoago dan neskatilla liraiñ orri bere morroi bat niri bialtzea? Eziñ sinistu bere leiteke. Egiñalak egin ditut bada nik, ezagutu nebanetik oraiñ artean, emakume orren biotza irabazteko; baiña egundo ez nau aintzakotzat artu. Aintzakotzat artu ez! Ez nik eritxi. A! Emakumeak gaitxurizkak dituzu, eta askotan, kanpotik ezer erakutsi ez arren, barruan erabiltzen dabe gogoa eta maitetasuna. Oraingoan beintzat gauzeak berak dauka itxuria. uste izan dau Riktrudisek gudan asi bear dogula; gogoratu iako bere Aita orretara iarrita badago, iñok ez dabela atzeratuko; ni nabillela guda billa eta neure eskuetan egoala, gudarik ez izatea esan deutse, eta, zer egingo eban orduan? Egia da, gauzak ondo ikusi ezkero emen dagoana da, Mendiolako alabatxoak bere aitagaitik begiratuten dabela; baiña, zeiñen bidez? nire izena zegaitik gogoratu iako?... Gogoan ete nauka ba beti, edo sarri, edo noizean beiñ! Zergaitik ez? Emen bakartadean, iñok entzuten ez deustala, esan neike: ni ez naz zatarra, ederra nazala bere amaika bidar esan deuste; Riktrudisek ikusi nau, bai, ikusi nau, begiratu ez deust egin baiña, indartsua nazala badaki; etxe-iauntza onean iaiorikoa bere bai... zer gura dau geiago? zergaitik maitetuko ez nau? Maitetuko ete nau bada! Au, gozotasun guztien iturburu amaibagakoa izango litzateke niretzat. Irudituteagaz bakarrik pozaren pozez zoratu bear iat. Riktrudis zelan ezagut neban gomutau bear dot. Illunabar inguru batean zan, oraiñ urte bi. Egun sentirako lagun batzuk eizera urten genduan, egun guztian ortik eta ona ibilli giñan, eta nekatu ez bada besterik ezgenduan egiñ. Txakurrak billatu ebazan oñatz, sen edo arrastoak urrintxora eruan genduzan. Etxeruntz asteko gengozala, asi iakun bat-batera trumoia, euria, txingorra eta arria. Baiña zelangoa? Bazan a egualdia! Ez dot iñoiz alangorik ikusi. Eguna garaia baiño lenago illundu zan; baiña ikaragarrizko tximistak argi egiten euskuen noizean beiñ, ioten zituen zugatzak erdibituaz. Goiak bota zituan bota alak, errekak arrotu ziran; gu, goseak batetik, eta bestetik burutik beatzetara maillatuta gengozan, eta erabagi genduan, tximisteak argi egitean an urretxoan ikusten zan erri batera ioatea. —Badakit zein erri dan —lagun batek esan euskun— ortxe bizi da Mendiolako Arnoldo, eta bere etxean ondoen artuak izango gara. Esan eta egin, buruko tximetatik bera ura geriagula,eta abarka mantarretan ez dakit zenbatbana lokatzegaz, Mendiolako sukalde zabalean sartu giñan. Orduantxe ezagutu neban lenengo Riktrudis. Amesetan iruditu geinkean gauzarik zoragarrienaren antzera agertu zan. Axe da sarrakiua sartu eustana! Bildurtu egin nintzan, beste munduetako gauza bat ikusi baneu legez. Bai, edertasunak badaroa beragaz gizonak konkortuteko indar eskutukoren bat. Ni beiñik beiñ Riktrudisen iazkera, esakera, ibillera eta begiradeak konkortuta itxi nituan. Dana zan aiñ... aiñ... ez dakit nik zelan esan bere, barru-barruan gozotasun andi bat emoten ebana. Ez ian, ez edan, ez berotu, ez iñori iaramonik egiñ; kokolotuta, gatzabagetuta, izututa, lotsatuta, Riktrudiseri begiratzea baiño besterik ez neban egiten. Gau guztian itz bi era onean ez nituan esan. Zer igaroten iatan danak igarri eusten. Ez gaur beste iakiñ izan baneu, mila...! . Ez dot geiago, orduan baizen ondo, neure aurrean billatu, amaika bidar Mendiolako aldean ibilli naz baiña. Beti Arnoldo, beti andre Luzia, beti arpegi illuna, beti txoria gordeta, eta azkenean ateak itxi. Eta ori neuri bakarrik, bada edonoiz dagoz Mendiolako ateak zabalik, edozeiñek arkituten dau etxe atan abegi ona: erbestekoak, eta euskaldunak ez diranak bere bai. Kristiñauak dirala eta ez dirala. Badabill or kristiñauon elizetako nagusi bat, Amando edo dana-dalakoa... Uum! Igarten badot nik i... Begi bietaraiño bete bete eginda nago gero... Gau atan orratiño asko egiñ neikean neure alde, neure gaiñ egon banintz. Kristiñauak egiten daben Aitearen edo kurutze ori bere ez neban egiñ maia bedeinkatutean. Ez nekian eta! Orduan igarri eusten eta itandu bere bai zeiñ etxetakoa nintzan. Baiña, zer dauka zer ikusirik siñiste bat edo beste eukiteak gizonak geiago edo gitxiago balio izateko? Gaiñera, ez dot nik sinisten ez dodan gauzarik esan gura, eta ez dot esango bere. Eta zertarako? Ibilli eta ibilli gauzak eskura badatoz. Zeiñek esango eustan niri atzo goizean, gizonen usteak ezin orapillotuta nenbillenean, Riktrudisen gogoan nengoala, eta berak biralduko eustala morroia, beragaitik zerbait egiñ nai badot esatera? Zerbait egiñ! Bai, Riktrudis maitea, Riktrudis gurgarria, bai: nai dozun guztia egingo dot zugaitik: auspeztuko natxazu, umilduko natxatzu eta... Ez da gero edozelangoa bart arratsean zure Aitak emon eustan zartadea. Eta alan bere ez nintzan aserratu... kanpotik, barruan barrukoak izan arren. Au bere badok ba ipuiña: neuk gura dot gudea eta neuk ez dot gura. Eta ez da izango gudarik, danentzako beintzat. Ezin bada, Riktrudisek nai izan ezik! Baiña bai batzuentzat. Nigaz aurrez aurre iarri zan gizontxu orrek, ni bizi nazan artean izango dau arerioa eta gudarako bidea. Ikusiko dogu alkar. Bera be, egia esateko, ez da motel itxurakoa; baiña, tximistak ez baituk! ikusiko dogu zeiñek lenago lurpera ioan bear daben. Goitik eta betik, aurretik eta atzetik, gabaz eta egunaz, nire geziaren bildur izan leiteke. Eta biotzera ioango da gero, biotzera zuzen-zuzen. Aupa! Zer poza nirea gorputz illak oso-osorik lurra ioten dabenean, bere burua arkaitzen baten kontra zatituten iakola! Bene-benetan dala bai mendeka osoa Iaungoikoen atsegintasuna. Prankotarrakaz daukadazan eztabaidak erabagiteko neu nazala naikoa esan deutsat Arnoldori. Baita izan bere. Baiña lagunik bear baneu, erbestetarren kontra zerbait egin bear dan guztian idoroko dot Diego Etxalar neure alde. Eta lagunak edozetarako bear izaten dira. Riktrudisen barriak iakiteko ostera, or daukat Lope Nagi. A ze morroitxoa Mendiolako Iauregian daukazuen ori! Neu nagusi izaten banaz a... Onetan eta orretan eten iakozan Portuni, goizalderuntz, bere gogamen guztiak, gelditu zan bertan bera aoa zabalik, itxi zituan begiak, eta iarri zan zurrungaka, zurrungaka, etxe atan lotan egozan beste batzuei soiñuan laguntzen: baiña irudimen eta adiñak ez euken lotarako gurarik, eta gorputza zabal zabal ezeren ardura barik egoan bitartean, azi ziran euren aldetik lengo gogamenakaz aria lotu naian. Portun amesetan egoan. Mendiolako nagusi bera zala irudituten iakon: il zirala, ez ekian noiz eta zelan, andre Luzia eta Arnoldo. Riktrudis etxeko andre on on bat zan. Aitorren egunetako bizitzea egiten eben. Abere asko eukezan: artalde andiak. A, ze artaldeak! Zelaiak bete-betean, eta mendi egaletan gora eta gora, gaillurretaraiño, bata besteari bultzaka eta bee-ka danak. Bee eta bee eta beee: geiegia zan. Eta esnea? Zenbat esne! Artzaiñak bekarren esnea, lurrezko eta burdiñazko ontzietan, gaiñezka zipli-zapla bidean boteaz. Bera be, Portun, esnez bete eben, bekokiraiño. Bai, bekokia bustita eukan, esnez... Esnez? Odola zan eta! Odola, bai, prankotarrak emondako zartaldeak atera eutsana. Prankotarrak! Baiña, zeintzuk ziran prankotarrak? Ezin asmau! An, urrun, urrun, zer edo zer. Edozetara bere antxiñako gauzaren bat, egokida gitxikoa... Riktrudis... Aitor... mendia... laiñoa... gizonak borroka... Zer gizon gero? Ardiak ziran eta. Ez euken bear aiña lekurik, asko ziran, guztiz asko: batzuk itota egozan, eta, bera, Portun, danen erdian ioteko zorian egoan, eta ito bear eban, ito bear eban!.. Ozinbelzko seme nagusia larri-larri esnatu zan, izerdi patzetan, eta estalkiak idunetik biran estu-estu zituala: egon zan piska batean ganorabaga, etorri zan bere konortera laster, eta iagi zan bereala. Leio zulora gaztaiña andien itxurako begiakaz urten ebanean, mendirako bide ziorretik gora gizon-soka luze bat ikusi eban. Ozinbeltzetik euren etxeetara eioazan azkenenko gudariak ziran. —Ez da ardura —esan eban Portunek— ez da ardura; etorriko iat niri ondiño garai obea. V – GIZON ARROTZA Esan ditudan gertaerak igaro ziranetik urrengo egunean, Aitz-barrengo eliz-ondoan Portunegaz aserratu zan gizona Amando apezpikoagaz izketan egoan, antxiñetako lagun bat legez. Zein zan baiña gizon ori? Adalbaldo dukea, done Jertrudisen loba ona, prankotarren erregetxeko semea, Sijeberto eta Ernulfo kondeen eta Alando Reims-ko Lenapezpikoaren anaia. Gizon iakintsua zan Adabaldo au, guztiz aberatsa, Iesukristoren lege zalea eta onoidade andiakaz apaindua. —Zu ziñan beraz —zirautzan Amandok, irri-barre amutsuagaz, euren izkuntzan— zu ziñan Aitz-barrenengo burrukalaria. Ez nekian nik, Adabaldo, ez nekian. —Burrukalaria erazkiro ez iauna. —Ez, badakit: ori olgetako esatea baiño ez da. Iatorri onekoa zara, eta zuk, zeurez, burrukarako biderik ez dozu emongo; baiña iñor aurrean iarten baiatzu eta zeure sinisteari ikututen badeutse. —Bai, iauna, bada; orixe da ni geien geien berotu nituana. —Zelan izango zan ipuiñ ori? —Zelan izango zan? Erregek bialdu nau zeregintxo bategaz Euskal-Erriko marra edo mugetaraiño, eta orain, Iaungoikoari eskerrak, baketan gagozalako, eta bake eretian euskaldunak gizon onak dirala dakitalako, zeuri agur bat egitea otu iatan, emengo Elizatxoak bide batez ikusiaz. Asmo onetan, baninoian lengo batean Aitz-barrenengo Elizara, arrentxo bat egin ondorean zeu nun ete zenbiltzan ango Eliz-gizonari itauntzeko usteagaz. Eliza aurreko enparantza edo zelai batean gizon talde andi bat billatu neban indar neurketan burdin luze bat iaurtika, batak orain eta besteak gero, eta danen artetik igaro nintzan egun onak emonez eta guztiak erantzun eusten; baiña norbaitek itandu ebanean: «zein da zaldun ori?» beste batek erantzun eban, neuk garbiro entzuten nebala: «ez dozu ezagututen: prankotar lapur bat». Ez neban iaramonik egin, zerren bat batera gogoratu iatazan gutarrak euskaldunai egindako lur-ostute eta beste dongakeriak, eta alderen batetik egia ziñoala neritxon. Baiña onetan entzun neban lapurra esan eustanak berak ziarduala esaten: «Eta Elizara doia gero bera, Elizara astegun buru zurian. Esaten dot bada nik guzurtiak dirala prankotarrak eta guzurra euren sinistea». Orduan biurtu nintxakon, eta bapere aserre barik eta euskaldun fede gaiztokoaren biotza Iesusentzat irabazteko gogoagaz, erantzun neutsan: «Gizona, begiratuizu zer esaten dozun: nire sinistea eta zuen artean askok daukazuena, ez da guzurrezkoa: Iesukristo da Iaungoiko egiazko bakarra...» Ez eustan itxi neure esana amaituten. Esku artean eukan burdin makillea gora iasota, etorri iatan aurreko aldera deadarka: «Zer begiratuizu gero? Zein zara zu emen niri esondeak emoteko? Zure siñistea eta zure gizakoena guzurra dala diñotsut, guzurra Iesukristo eta guzurtokiak zuen Elizak». Asi giñan ez-bai, ez-baian, berotu giñan, eta... baiña ez zan ezer izan: eldu euskuen batari eta besteari eta orretan amaitu zan dana. —Baiña io egin ei zenduan bada? —Io edo, ez dakit bada nik, berotasun atan... —Eta aztu iatzu? Ez daukazu gorrotorik? —Aztu diñozu? Berealaxe, iauna, berealaxe. Naibage bat badaukat nik ordutik ona! Bear bada, bigunago itz egin baneutsa nik gizon ari, bere biotza Iaungoikoarentzat irabaziko neban edo ipiñiko neban irabazteko bidean. Eta orain, neure erruz, neure gorrotoan egongo da, eta neure Iaungoikoaren gorrotoan bere bai. Aita zerukoari, orduko nire arrotasuna parkatu daidala eta ikutu daiola Portun orri bere biotzean. —Ondo da ori, adiskidea, ondo da. Lan andiak daukaguz emen Iesusen ikastegiko semeok, eta Euskal-Erri guztia Iaunaren siñismenera ekarri artean, lan egin bear dogu gogotik. Orretara etorri naz ni ona, Adabaldo, eta iakin nai neuke zuk... Aidean gelditu iakon Amandori miña, esatera eioanari azkenik emon baga. Atari aldean norbait oleska egoan. Iagi zan, «aurrera dana-dalakoa», esanaz, eta tipi tapa, tipi tapa igon zituen betik gorako maillak, eta apezpikoa eta bere laguna egozan tokiraiño sartu ziran Arnoldo eta bere alaba Riktrudis. —Ordu onean etorriak izan zaitezela —esan eutsan Amandok, ordu onean neure adiskidetxoak. —Baiña, iauna, —erantzun eban Arnoldok— kanpotarragaz zagoz zeu eta beste ordu baten etorriko gara. —Ez, ez, Arnoldo —dirautsa apezpikoak, emen dagoan kanpotarra zeuek ezagutu bear dozuena da, eta iarri zaiteze aulki orretan. Ezarri ziran, an egoanb gizon arrotzari zearka edo albokera begira, begiakaz gero Amandori zeiñ edo nongoa zan itanduten eutsela. Beste onenbeste egin eban Adalbaldok. Ez eban itxaro bear andirik izan danak bere. —Au da —asi zan esaten Amando, eskerreko eskua erbestekoaganontz iasota— Adabaldo kukea, Aitz-barrenen Portunegaz aserratu zan prankotarra. —Au? —erantzun eben Arnoldok eta Riktrudisek, biak batera, begiak Adalbaldoganontz botaten ebezala. —Auxe berau. Aspaldietako neure adiskidea da, kristiñau bene-benetakoa. Neu ikustera etorri da, oindiño ordu bete ez dala, eta oraintxe neiokon esaten Euskal-Errian zetan nabillen, eta zelan gura neukean biotz oneko gizon guztien laguntasuna Iesusen artaldera etxadi guztiak ekarteko. —Nai neuke iakin, duke iauna —iarraitu eban Adalbaldori arpegi alaiagaz begira— zuk lagunduko deustazun edo ez. —Iauna, zer esanik ez dago: nik gauza orretan neure indar guztiakaz lagunduko deutsut —esan eban dukeak. Eta au erantzutean Riktrudiseri begira egoan, eta Riktrudisek erakutsi eutsan begiakaz bere oniritzia. Arnoldo berutz begira egoan, bere gogarteakaz gogaketan. —Baiña beste ipuiñ bat dago emen. Orretarako bakea bear dogu, luzarorako bakea. —Nire aldetik, iauna, betikoa izango da. ez naz ni guda zalea: —eta au barriro Riktrudiseri begira egoala esaten eban— guda batek bere atzetik dakarz, laguntzailletzat legez, nekeak, goseak, aserreak, gorrotoak, kurrukak, negarrak eta odol-errekak; eta nik, alkarrenganako maitetasuna, zer iana, iakinbidea eta biotz barruko atsegintasuna gura nituke erri guztietan. Riktrudisek, bere burua piska bat bi bidar makurtuaz, erakutsi eutsan bere baimena arrotzari. Eta arrotzak, baimen orrek indartu baleu legez, iarraitu eban bereala: —Nire eskuetan balego, gure artean bakea betikoa izan dediñ euskaldunai emongo neuskioez indarrean malmuzkau eta kendu iakoezan lurrak; itxiko neuskioe bustarri baga, beren lege eta ekanduakaz gura daben eran bizi daitezen, eta euren adiskide egingo nitzeteke, mundu guztiaren adiskide egingo nitzatekean gisara. Arnoldok iaso eban bere burua, eta erbestekoari begiratu eutsan, esaten ebana zindua ete zan edo ez ezagutu naian. Adalbaldok igarri eutsan euskaldunari zer iakiñ gura eban, eta agertu zituan geiago eta obeto bere barruko bidadi edo sentierak era onetan: —Ez dot nik uste errien zoriona andi izatetik datorrenik, eta bai onak izatetik: egin daiguzan onak, eta zorionekoak izango dira: sortu daigun biotzetan batak besteaganako maitetasuna, eta makillak, arriak, aizkorak eta geziak bere kauz eskuetatik iausiko iakuez gizon guztiai. Danok dakigu gaiztokeri guztien iatorria non dagon: Iesusen lege bigun gozoagaz astutean, zeruari gure betiko zoriontasun guztien gordelekutzat ez begiratzean. Gizon danak gura dabe euren biotzak eskatzen deutsen gozamena, eta zeruagaz aztuta bizi badira, lurrari euren bizileku bakarra legez begiratuten badeutse, Iaungoikoaren aginduakaz aztuta badagoz, ez dabe beste enparauen ardurarik eukiko; bakotxak bere gozotasunen gose-egarria bete naiko dau, al daben biderik, beste anai, lagun eta auzokoai beastun mingotxak iruntzi eragiten deutsezan edo ez begiratu barik. «Ibili nadin neu ondo, —esango dabe euren kolkorako— bete daidala neuk beste guztiak baiño andiago izateko daukatan gogo beroa, eta nire auzoko anaiak ondamuz urtu deitezela nire eskubide eta alizateak ikusirik: emon daiuedan nik neure griña guztiai eurak deadarka eskatzen deusten betekadea, eta ondatu beitez, gura badabe, nire geide edo lagun urkoak». Orregaitik saiatu bear dogu Iaungoikoaren bildur donea erakusten zeru goietan itxaroten daukagun ondo-izatea gogoratuten, eta norberaganako daukagun maitetasun oker eta geiegizkoa gizonen biotzetatik tutarrez kentzen. Olan izango dira errien agintariak errien guraso; mendekoak, seme on maitaleak; eta kristandade guztia etxadi zabal maitagarri bat. Adalbaldok iardunean ziarduan bitartean, Riktrudis mirarituta legez egoan, Amando pozarren, eta Mendiolako iauna zerbait esan naian egoera on bat billatu eziñik. Prankotarra isildu zanean, apezpikoak esan eutsan: —Ederto itz egin dozu, Adalbaldo: neuk bere geiagorik ez neban esango. Eta Arnoldok: —Bai, ederto esana dago; baiña parkatu bear deustazu, adiskidea, gogoratuten badeutsut zure erritarrak ez dabela olango erakutsirik burutan artu, nire gomutan beintzat. —Egia diñozu, euskaldun zarra, eta neuk daukat iñok baiño naibage andiagoa, prankotarra nazan aldetik, nire erritar agintari asko andi izannaiak itsutu ditualako. Ez dot gura eurak gaitik arpegirik atera, eta autortu bearrean nago, aspalditxoan eurak izan dirala bakearen areriorik gogorrenak emen inguruetan. Euskaldunak ez ziran asiko gure kontra gutarrak bakean itxi baleutse euren mendietan. —Ikusten dot, arrotza, bakotxari berea emoten dakizula, eta mingarria da zure erritar guztiak zure eritxikoak ez izatea. Euskaldunari bakean izten baiako bere basetxe eta txabolatxoetan, poz-pozik bizi da bere lur, soro, baso, bei, ardi, auntz eta beorrai begira. Ez iako iñoiz bururatuten beste lur bat guraritu bear dabela, edo beste erri batean obeto biziko litzetekeala, bada beretzat euskaldun lurra baiño lur oberik ez dago. Adiskide onak dituzu, eta edozeiñ estutasunetan ill arteraiño lagunduko leuskizue euskaldunok. Ez dira gudazaleak, eta, alan bere, gudetan ikusi zeinkez Anibaltarrakaz, aurren aurrenengo beti, edurrez estalduriko mendi Apeninos da Alpes deritxenetik zear, mundu guztiari azurretaraiñoko ikarea sartuaz. Ez deutse, eurentzat, arra bat lur ostuko iñori; baiña Euskal-Erriak daukazan mugetatik barrura badator iñor zematuaz edo zerbait kentzeko asmoetan, naiz eta izan munduaren iaubea, iarkiko iakoz aurrez aurre euskaldun guztiak, aitarren seme, morroi eta nagusi, Ama eta alaba; leoi biurtuko dira danak, eta euren iaiotetxean arrotz-etsaiaren oiña sartu baiño lenago, banan banan atari ondoan illotzik geldituko dira, arrotzaren kontra esatera ioiazan azkenengo apaldiz edo biraoa ortz estutuen artean geldituten iakoela. Olangoak dira euskaldunak; esan daidan obeto, olangoak gara: onean onak, txarrean okerrenak; geure gogakidan, abere batzuen gisara, edo odolean, biotzean edo ariman edo nunbaiten leiñargitasun egiazkoa darabilgunak. (Ez dot esaten panparroikeriz, egia dalako baiño, eta egia beiñ-bere ez dot arrokeritzat artu). Olangoak gara: gizonari laguntasuna emotean gozamena billatu oi daroagunak, eta bide batez edo era berean, erbestekoren batzuk gaiztakeriren bat egin edo biotza zelanbait zauritu badeuskue, atzerritarrentzat Ernioko atxak baiño gogorragoko gizonak. Besterik aitatu bearrik ez daukat: emen nago neu, neure semien eriotza negargarria igaroko urteetan aztu ezin dotana. Iesusen sinismenekoa nazanari eskerrak: sinismen orrek ipinten dau nire biotzean ezti piska bat, gero neure semeakaz bat egingo nazxala erakutsirik; sinismen orrek agintzen deust neure areriua maitetuteko, eta maitetuten dot, ustez; baiña beti daukat miñ neure biotzaren erdi-erdian. Eta nik ondo ikasten ez dotan gauzea auxe da: ez daukat gorrotorik onentzat edo orrentzat, esateko, eta alanda guztiz bere prankotarrakaz gudetan ibilteko amorratzen egon izan naz neure bizitza guztian. Arnoldoren iarduna, lenengo arreta andiagaz aitu eben beragaz egozanak; gerora, errukiz beterik. Amaitu ebanean, dirautsa dukeak: —Biotz andikoa zara, euskalduna, eta Euskal-Erria erri andi bat. Bene-benetan da mingarria zuek ondo ezagutuak ez izatea. Eta Amandok, berak gogamen guztiak eukazan gauzara berbaldia eroanaz, itandu eban: —Baiña ez dozue orain prankotarren kontra gudarik asiko? Zetan gelditu ziñan Ozinbeltzen? —Zeuregana orixe esatera etorri natxatzu, iauna. Neure alabatxu onek bialdu eustan mandatari bat, zeure izenean, Aitz-barrenen zer iazo zan esaten eustala; eta iakin nebaneko eta Uberoren eritxi ona iarraituaz, prankotarrai bakean iztea erabagi genduan. —Iaungoikoak bedeinkatu zaizala, Arnoldo.,. —Eta ez bakarrik ori. Norbait, Portunek belarriak berotuta, bide txarretatik aurrera asi ez zeitean, batzarrean batu ziranei esan neutsen, ez nebala nik, oraingoan, prankotarren kontra arri bat iaurtiko, eta gudabarrian asten ziran euskaldunei begi txarrakaz begiratuko neutsela, zerren Portunek, kristinau bizi eta il nai genduan guztiok iraindu genduzan Aitz-barrenen. —Iaun zerukoak saritu zaizala, Arnoldo —Arnoldo zaldun leiñargia —esan eutsan Adalbaldok— itxi bear deustazu neure besoetan estutu zaidazan. —Prankotarren besoetan ez naz egundo egon, baiña, ez zara zu besteak langoa: zulango gizonakaz adiskide izan nai dot: erdu ona. Iagi ziran biak besoak zabalik, eta bata bestearen kontra estutu eben alkar, Amando eta Riktrudis pozezko malkoak ezin gorderik egozan bitartean! Ze laurka ederra! Gizon bizarzuri ainbeste urtekoa, arrazarik zarrenetakoaren aurkeztaria, bere egun luzeak prankotarrakaz gudetan igaro zituana, prankotarrak ildako mutill eder maite bire gurasoa, prankotar gazte baten besoetan, biak siñismen batekoak eta itxaropen batekoak ziralako! Eta oraiñ gogoratuten iat, esan barik nengoala, Adalbaldo gizon gazte eta guztizko ederra zala. Ogetamarrenbat urte inguru eukiko zituan; andia zan, baiña ez lodia; ardatze baiño lerdenagoa; ule gorrizka eta begi urdiñ argi eta bizien iaubea; eta eute bigun ondo egiñakaz iantzia egoan. —O! —ziñoan Amandok— Iaungoikoak ekarri zaitue gaur alkar ikusi eta ezagutu daizuen. Biok izango zare nire laguntzailleak emendik aurrerantzean, gizon guztiak bear daben bata-besteaganako maitetasuna erakusten. urteetan nabill arimen billa, alderdi guztietan gomutaratuaz Kristoren esana: hoc est praeceptum meum ut diligatis invicen: au da nire esonde eta agindua, au da beste eginkizun guztien sustraia: maitetu egizue alkar. Maitetasunean ezagutuko gaitue gizonak Iesusen ikasleak garean edo ez. Eta iñor badago erantzuten deustanik maitetuten dituala aide, adiskide eta erritarrak, baiña ez etsaiak, esaten deutset barriro: ez da ori naikoa, ori edozeiñek egiten dakiana da, orretan irabazirik ez dago, arerioak maitetu bear dituzue Iaungoikoaren izenean, Iaungoikoagaitik, diligite inimicos vestros; bada ori da, Done Gregoriok dirauskunez, maitetasun egiazkoa. Erakuste zakona da au, ez da danentzat ekersituten erraza, biotzaren erdian, Arnoldorenean legez, zauri zarrak dagozanean; baiña ainbat onkai geiagokoak izango zare. Laguntzat zaukadaz biok gaurtik aurrera, oraiñ artean baiño bere lagun obetzat, eta bat orrek be aldeko urietan, eta beste orrek baso basterreko txabola eta mendi gaillurreko etxetxoetan, esan bear dozue zeruko oiarzun gozo batzuen antzera: diligite inimicos vestros! —Baiña, iauna, Euskal-Erriak ostu iakozan lurrak eskatuteko araudea galduten ez dabela. —Euskal-Erriak ezer galtzen ez dabela. Iaungoikoaren legea zuzen-zuzena da, eta bakotxari berea emoteko agintzen dau. A! Maitetasuna sartzen bada biotzetan, bereak eta geiago emongo iakoz auzokoari, gogo guztiagaz. —Bada orduan, neu izango naz lenengo prakotarrentzat maitetasuna erakusten, arima barruan daukadazan atsekabe guztiak itota. Gaizkiesalen batek esango dau ez nazala ni euskaldun ona, eta au samintasun barri bat izango da niretzat, bene-benetakoa gero! besteren batek zoratu egin iatala adierazoten emongo dau; baiña ez da ardura, gure legeak agintzen daben ezkero. Amando iauna, lagunduko deutsut orain artean baiño geiago eta obeto. —Baita neuk bere, nire itundari on eta antxiñakoa —diño Adalbaldok—. Maitetuten ditut gizon guztiak, eta erakutsiko dot neureen artean, zein maitagarriak diran nik ezagutu ditudan euskaldunak. —Eta Aitz-barrenean iraindu zenduzana bere maitetuko dozu? —Baita ondo. Zergaitik ez? —Eta zugaz aztuta gengozan, Riktrudis —iarraitu eban Abandok, beste aldera birata, geroago eta ugariago etorkozan malkoak gorde nairik—. Zer dirauskuzu, alabatxoa? —Nik, iauna, besteak beste. Aspaldian ezagututen nozu, eta badakizu gizon guztiak alkar maitatuteagaitik, poz-pozik neure odol guztian emongo neukeana. Adalbaldok, Riktrudisen aotik berba onek entzutean, lenengoan baiño biziago, zakonango eta maitaroago begiratu eutsan neskatilleari; eta oni prankotarraren begiradea ikusi ebanean, larrosa gorrien ederrak urten eutsen matrailla gaiñetara. —Benetan? —esan eutsan bere Aitak. —Ain benetan eze —erantzun eban alabeak, bera begira eta eskuakaz zer egiñ ez ekiala— prankotarrak eta gu adiskide izateagaitik ontxe emongo neuke neure bvizitzea. —Eta zeiñek emoten deutsu gurari sutsu txalogarri ori? —Zeiñek? Iaungoikoak. —Andiak dira Iaunaren gauzak —esan eban Amandok, bere malkoak gorde barik. —Andiak dira euskaldunak, geitu eban Adalbaldok! Arnoldok ez eban ezer esan geiago. Iñoren malkoak ikusi zituanean, bereak agertuko ete ziran bildurrez, danei erdi-agur eginda, abiau zan etxeruntz, bere alabea alboan eroiala. Andik laster urten eban Adalbaldok bere Amandoren etxetik, an egon ziran Aita-alabak zeintzuk ziran ondo iakinda gero. Arnoldo zan, apezpikoaren esanez, gizon burutsu, on eta euskaldunen artean eskubide andikoa; Riktrudis euskal mendietako aingerua. Eta aingeru onen irudia bere biotzaren erdian eroian dukeak, bakartadean gurtuteko asmoagaz, ia ia siñisturik aingerua zala ezagutu eban euskaldun emakumea, eta aingeruen artean ederrenetakoa. Riktrudisek, bere aldetik, gogoan eruan eban dukea, esanaz bere artean, barru-barruan, eta ixill-ixillik: orixe bai dala gizon bat ona... eta ederra! VI – BIDEZ-BIDE Ona izango da irakurleari esatea, orain artean paperean ipinten ditudan gauza danak udabarrian gertarikoak dirala. Seireun eta ogetamazortzi-garrengo Maiatzak egun batzuk eukazan ondiño. Zerua garbi eta ederra agiri zan; sasi-masustak loratan egozan, garauren bat gorrizkatuten asirikoa erakutsiaz; loratan sagar-zugatzak, bedarrez ondo iantzirik muno eta zelaiak; bedar artean zuri, ori, eta gorri, mueta askotako lora txiki eta andiak, eta mailluki bat edo beste; sasitik sagastira eta adarrik adar, egaka, gasupaka, txio-txio bigunetan, txori bizkor urduriak; mendi gaillurretan beorrak; egaletan, artaldeak eta bei batzuek, eguzki epela artuaz bedar ianean. Baso itzalean mika zarren kurriska garratzak entzuten ziran. Baoian, baoian Adalbaldo, gaur Olabaratze esaten iakon erritik zear, bide zior batetik bera, Urotz eskumataruntz eta Ustaritz-ko basoak eskerretara itxita. Ez eutsan dukeak ezeri iaramonik egiten. Ondoan, nastean, laiñotan legez geldituten iakozan ikusten ziran gauza danak: beste izate bat eukan gogoan, agiri ez zan izate bedeinkagarri bat, euskal mendietako aingerua. Osterantzeko gauza guztiak aingeruaren edergarriak, ertzak, barrenak eta egalak ziran. Baoian, baoian tapa-tapa gure prankotarra, Amespetsutik berutz etorren errekatxo batek bidea ebagita itxi eutsanean. Asi zan alde batera eta bestera begira, errekatxoa nondik ondoen igaroko eteban iakin nairik, eta orduan ikusi eban, esker aldean, intxaur-zugatz azpian iarrita, narruzko zorro bat aurrean, eta zekaleagaz egindako ogia eta zeziñ egosia eskuetan eukazala, gizon mots, narras, traskil, motroillo, ipurlodi bat. —Aiskidea —deitu eutsan Adalbaldok— ondo al noa Kanbo aldera? —Bai —erantzun eban besteak, zirkiñik egin baga, eta kopau batean lau ontza ogi baltz aoan sartuaz. —Eta ez al da emen zubirik erreka onen gaiñean? —Or goragotxoan billatuko dozu. Adalbaldok ikusi ebanean gizona aiñ zabar eta desbegiratua, itandu eutsan, zein zan iakiteko gogoagaz: —Zetan zagoz zeu emen? —Beizaiñ. —Nongoa zara ba? —Mendiolako morroia. —Mendiolakoa? Arnoldorena? —Bai. —Eta Riktrudisena? —Baita. —Etxera zoazenean, bada, emon eikeozuez neure izenean gorantziak, eta Riktrudisi esaiozu ez nazala beragaz aztuko. Lopek, bada Lope Nagi zan beizaiña, baietz erantzun eutsan buruagaz: aoa bete-betean eukan zeziñaz eta ogiz. Ioan zan Adalbaldo bere bidean, eta Lope, bere mandxubea amaituta errekan dxangada bat ur edan ebanean, etzin zan zilbotaz gora, zan aiña luze, zorroaren gaiñean burua ipiñita. Baiña ez eban era orretan egon andirik egin. Agertu zan laster, prankotarrak ekarri eban bidetik bertatik, euskaldun gazte azkar bat, sendokotea, begirada gogorrekoa, agintari itxuraduna. Gezi, aizkora eta eizerako tresna guztiakaz etorren. Gelditu zan piska baten Loperi begira, eta zein zan ezagutu ebanean. —Aup! —deitu eutsan. Iaso eban burua Lopek aupadea entzun ebanean, egon zan piska baten begira eta ezer ikusi eziñik, argiari begiak ondo ipiñi ezin eutsazalako, eta ezagutu eban zein zan deitzailea. —Zu bere emetik, Portun? —erantzun eban beizaiñak. —Bai, eta eu ikustera. —Ni ikustera bai —esan eban morroiak barre antzean— Mendiolako alaba bakarra banintz, ez dot esaten baiña... —Eta zergaitik ez eu ikustera? noizean beiñ adiskideak ikustea bere otute iat niri. Onetan eldu zan Portun Lopeganaiño, ezarri iakon alboan, atera eban kurkubita-azalagaz egindako ontzi bat, eta emon eutsan Loperi, esanaz: —Artuik eta edan eik beintzat ardaoa. —Milla aingeru ederrak! Ez dator oraintxe txarto txarto ardaoa —esanda, oratu eutsan Lopek esku baikaz ontziari, eta dxanga, dxanga, dxanga, sartu eban urdaillera orain pitxerdi esango genduekean aiña bai. —Baiña, mutill, ezadi ito, zaskel ori. —Ito, diñozu, ito —ziñoan Lopek, arnasa andi bat artuaz, ezpanetatik kurkubitontzia kendu eutsanean— etxat ez niri ardaotan ito bearrik gertauko. —A! Sabelontzi astoa! Gizonak, edanzalea izan arren, ito egin bear al iok ba ardaotan? —Esakera bat da ori, iauna; baiña beste toki baten itotekotan, obea da ardaotan itotea. —Beti ago i ardao edo sagardao-egarrian. Ez al deuek etxean nai aiña emoten? —Nai aiña! Nai aiña! Ez da urrik emon bere. Eta arritutekoa eta mingarria da gero au gero. Beste morroi guztiai neurri barik emoten iake edaria. Mendiolako iauregian: neurri bakarrik neurtuta. zer deitxozu? —Moskortu egingo az eta... —Moskortu! Izten al dabe ba moskortuten ba? Upalategira sartzen bere ez deuste izten da. Eta txarren txarrena etxeko andre gaztea da. —Zein? Riktrudis? —Riktrudis. —Txotxo gero, begiraikek gero zer esaten dokan. Beste beiñ entzuten beustat Riktrudis txarra dala, sustraietatik aterako uat eure min luzeori. —Baiña, ez zaite aserratu, iauna. nik esan nai nebana da iardulea dala gure etxeko andratxoa. Ardaoa geiegian ez dala ona, bera urzalea da eta, arimearentzat kaltegarria dala, gizontasuna galduten dotala, au dala, ori dala, neure onagaitik esaten deustala, eragin beti. —Bai eta ondo eragiña. Ilango buru gogorrekoari, eragin eta erabilli eginda bere, etxakue berealangoan sartuten egia. Ik beintzat ez dok ondiño ikasi neurrian edaten, entzun-alak entzunda bere. —Neurria zelangoa dan. Nik neure gogoagaz neurtuten dot eta. —Eta ire gogoa bein berez ase. Baiña neuk aseko auat, neuri gauza batzuetan lagunduten badeustak. —Lagundu, iauna? Bai, bai, bai. Lan andi andia ez bada... Zu niretzat beti zian zara emoillea eta ni emoilleen alde nago betil. —Lanik baperez, alperra. Mendiolako barriak neuri noizean bein ekartea, eta neureak, bear bada, Riktrudisi eroatea. —Ori baizen ez bada... —Orixe bakarrik. Eta gero ardaoa edop sagardaoa edo nai dokana ugari, zerbait egiten deustakan bakotxean. —Tximista-tximistea! Olangoak dira gizonak, olangoak. Portun, agindu eidazu niri edozer gauza; gorputz eta arima naz zeurea. —Lenengo egin bear deustakana da, etxera oanean, goranrziak emon Riktrudisi, eta ikusi ondo zelango arpegia ipinten daben berak. —Orixe berori esan deust bere batek bere: Arnoldo eta bere alabeari gorantziak emoteko. —Beste batek? Zeiñek? —Ez dakit nik bere izenik; prankotar gizon eder bat zan. —Prankotarra! Non billatu dok? —Ementxe zear ioan da. Baiña zergaitik ipinten dozu aiñ arpegi aserrea? —Nora ioan da? —Kanbo aldera ondo ete doan itandu deust. —Noiz zan ori? —Ez dakit bada nik. Orain ordu bete inguru edo... —Arraio, arraio, arraio zikiña! —Baiña zer iazo iatzu...? —Nondik etorren? —Iangoikoak badaki. Azkaindik edo, Uzelaitik edo, Saratik edo: bide onek toki askotara ioten dau eta. Bear bada Mendiolatik? Baiña ez, Mendiolakoentzat eskumunak emon destazanean, beste tokiren batetik etorriko zan. —Ederra zala diñok? —Ederra? Gizon gitxik bardinduko daben gizakoa. Zeu baiño piskaren bat andiagoa, azal garbi zuriduna, zerua baizen ederrak diran begi ederren iaubea. —Zelango bizarra eukan? —Bizarra gorrizka samarra, ondo orraztua. —Tximista gorria! Bera balitz! —Zein, iauna? —Lope, eidak ik esandakoa, eta etxak damutuko. Ozinbeltzen badira gero bildotx onak bere. —Bai, iauna, badakit... eta guztiz zalea naz. Iagi zan Portun lurretik. —Non ikusiko gara biar —itandu eutsan Loperi. —Biar bere, iauna, emen edo. Ni ez naz soroetan lan egiteko osasun onekoa bere eta, gogotsu-gogotsua bere ez da, mendira bialduten nabe geienetan. Artu eban Portunek Adalbaldok eroan eban bidea bera, baiña lau oiñkada egiñ baiño lenago biurtu zan Lopeaganontz, eta esan eutsan: —Emon gero Riktrudiseri prankotarraren eskumunak eta entzun ondo zer esaten daben. —Bai, iauna, bai, eta, izango al dogu biar ardaorik? —Ekarriko deustat kok egin arte edateko aiña. —A! Ze ona zaran! Emen egongo naz ni egunetik laster. —Or egongo az i bai, moskorrondo baldres ori —ziñuan Portunek beretzat, bere bideari itxi baga. eta beste gogamen bategaz oinkadak zolituta, aopean esan eban: ai bera balitz, eta atxituko baneu! Lopek ostera, barriro etzin baño lenago, baziarduan bere artean: «euretzat iaok, Ozinbeltz, or aurrean ioan dokana: bizkorra ez bazan bera! Motza eta gauzak esango ditue nigaitik baiña, ezagututen dot nik zeiñ zer dan eta zetan dabillen». VII – EUSKAL-ETXEA Gure egunetako euskaldun zengle eta pinporte asko ezlitzetekez guztiz erara biziko Mendiola zan lango iauregi batean. Arri mailla bi igonda sarten zan etxez kanpotik ango sukaldera. Andia zan, baiña ke-zulo baten azpian egoan dana. Alderdi guztiak keiak ondo baltzituta eukazan, diz-diz egiteraiño. Orma-alde batean egoan iosita, eta bertan tolosturik, iatordurako anka baten gaiñean ipinten zan ixilura andi bat, gauza ona, batez bere negurako; ixilur orren ondoan zotzez, ziriz edo taketez beterikako argi-mutill luze bat; eta or eta emen, burdiñazko topiñ eta galdara lurrezko lapiko, pedarra eta txangillak; oezko ganbela, txali eta kaikuak; eta beste premiñazko tresna batzuk ormetan esegita. Euskaldunak euren bizitzea sukaldean Ezkaratzean) egin oi eben. Sukaldean izaten ziran iostaldi edo olgeta guztiak, sukaldean esaten ziran ipuiñak eta Aitorren egunetako kondaira egiazkoak, sukaldean iarten ziran, zurezko aulki batzuetanb, zar eta gazte, nagusi eta morroiak batera, anaitasun iaungoikozkoan, danak ontzi batetik iateko asmoetan, zurezko edo ogizko koillara banagaz. Udako egunetan, lotara baiño lentxuago, atari aldean egoten ziran kontu kontari. Baiña egozan lekuan egozala, ezagun izaten zan Mendiolan nagusi-etxekoandrak zeintzuk ziran. Sukaldeko maia. Ondiño gure baserrietan batzuk badira. Maskelua, pertza, burni-pertza. Batez bere Riktrudis. Eta ez bakarrik guztizko begiruneagaz toki egiten eutxelako; baita bere, eta geiago, bere banaitagaitik. Aiñ zan txukuna, aiñ zan garbia, aiñ zan begiratua, aiñ zan ederra, aiñ zan ona, aiñ zan burutsua, aiñ zan besteak ez langoa iaten, edaten, ibilten, itxuran eta izketan. Ez eban iñok esango mendian iaio eta mendian asia zanik. Egia da eliz-gizonak erakutsi eutsezala gauzaren batzuk, baiña berezkoa zan geiena. Goizean Aitagaz Amandogana izan zan egunean, begoan Riktrudis atari ondoko iarri-lekuan eserita, beste etxekoak eleai iaten emoten da beste arloetan ziarduen bitartean. Amandoren etxera ostera egin eban ezkerotik, egun guztian egon zan ganora bagea; edozer egiteko gurariagaz, baiña zeri oratu eldu) ez ekiala; edozer lan asi eta bat bakarra amaitu barik; gauza guztiai ikutu, ezeri baketan itxi ez, io ona, io orra, ioan, etorri, eta zeregiñ bat bakarra bere arian eroan eziñik. Apal ondoa zan, illunabarra, damorrietarako orduan, eta Mendiolako etxeko andra gaztea damorriz betea gelditu zan, etxe aurreko zelai eta soloai begira. Eguzkia lurretik aldendu zan, eta bere atzetik itxi eban argitasun apurra baoian bere ondoren, Amaren atzetik umeak ioaten diran legez. Soloetan lanean arloturiko ienteak eta mendietako artzaiñak etxeratu ziran. Basarietako ugaziuen klin-klon, klin-klon-a baiño beste zaratarik ez zan entzuten. Riktrudisen burua baebillen nonbaiten, Mendiolatik urriñean: bere biotzak samurtasun andi negargarrizkoren batzuk euki bear zituan, bada begi biak malkoz beterik euskazan. Baiña bere burutasun guztiak kendu eutsazan Lopek ekarri eutsan albista batek. Betorren Lope iauregi ondoko aberetxetik arrasko bat besapean ebala, eta etxeko andratxoa bakarrik eta erara billatu ebanean, esan eutsan: —Zuretzat, Riktrudis, gorantziak emon deutez. —Gorantzika? Zeiñek? —Ozinbelzko Portunek. —Eta nok emon deutsu zuri olango gauzak niri esateko eskubidea? —erantzun eban neskatilla onak, ez gogor eta betosko illunagaz, ez bada Loperi erakuste on bat emoteko asmoan. —Ara ba —iarraitu eban morroiak— nik ez neban uste gauza txara edo tasekabezkoa zanik, Eta ez batek bakarrik gero, bik emon deustez gaur gorantziak zuretzat. —Bik? —Bai, andrea. Lenengo prankotar gizon eder batek adierazoten emoteko esan deust zeugaz ez dala aztuko, eta gero Portunek. —Prankotarra eta Portun nun ikusi dozuz? (Bizi-biziro). —Neu nengoan tokitik ioan dira biak. —Alkarregaz? —Ez, andrea: prankotarra lenengo eta gero Portun, atzetik. —Erbestekoaren billa? —Aren billa edo... —Alkarren urrean ioan dira? —Ez andrea. Ordu bete geroago izango zan Portun. —A! Ez eben geiagorako astirik izan. Euren eginkizunak amaituta, inguratu ziran atari aldera, banaka banaka, Arnoldo, andre Luzia, eta Pedro Mari eta beste ogitukoak, oeratu baño lenago aize pixka bat arteko ustean, ipuiñ bat edo beste entzunagaz batera. Baiña Lopek ez eban geiagoren bearrik. Prankotarra aitatu zaneko, ikusi eban Riktrudisen bizitasuna, eta baita ezagutu eban etxeko andratxoaren poza, Portunek atxituko ez ebalako. Naikoa zan, eta ez eban ate ostean itxiko igarritakoa. Ez orixe! —Ia —agindu eban Arnoldok, guztiak batu ziranean—, ia, Pedro Mari, gaur iardunerako gogo andirik ez daukat eta esan eiguzu zeuk ipuiñ bat, asko dakizuz da. —Asko ez baiña, iauna, batzuk bai —erantzun eban Pedro Marik—. Txiki-txikitatik olango gauzetarako guztiz gogotsua izan naz. gure aitonak gabero gabero eta gure Aitak bere iñoiz bai, esaten euskuezan antxinako euskaldunen gertaldi batzuk, asaba zarretatik aotik aora ikasirikoak. Orain gogoratuten iatana neure Ama zanari entzundakoa da. —Asi bada, asi —esaten eutsen morroi gazteak zarrenari. —Garai bateko egunetan munduan lamiñak ei ziran —asi zan esaten gure otseiña. —E? Zer ziran lamiñak? —itandu eutsen. —Lamiñak ei ziran gorputzaren erdi emakumeana eta beste erdian arraiñarena-langoa euken izate gaizto batzuk. —Milla aingeruak! Eta non egozan bada? —zirautsan Ana Mari izeneko neskato zabal ogipeko batek. —Itxasoan batzuk ontziak ondoratuteko, ibaietan beste asko, igarira ioaten ziran gizonak itotearren. Ereslari onak ei ziran, guztizkoak, baiña euren eresia entzuten gelditu ezkero, galdua ei zan gizona: pitinga, pitinga, konorta kendu, eurakana eroan eta ito egiten ei eben edozeiñ. Eraldi batean oso ugaritu ei ziran Bizkaiko Arrati aldean dagon Lamiñ-erreka deritxon ibaitxoan. Alango Iaungoikoaren zigorrik ez ei da ikusi. Ez ian, ez edan, ez lo, ezin ei zan ezer egiñ. Koipatsu bat gertauta iaterako asmoan zengozanean, «dsaust» sartzen ei zan etxera leiotik barrura, eta sapo bat botate ei eutsun koipatsura. Ardao edo ur edo esne piskat aora eroateko adiunean, «dsaust» lamiñea ke-zulotik bera, eta sapo andi zikiñ bat ardaora, edo urera edo esnetara. Lotara sartzen ziñan orduan, daun-daun atea: —zein da? eta, —lamiñea! —Zer bear dozu? —Eregizu ate ori. —Zetarako? —Eregiten ez badozu, zure errukaria. —Eta eregi egin bear, eta antxe, beragaz, gozieko orduetaraiño ikaraz egon bear. —Baiña, ez egoan norbait lamiñok beiñ onetatik kenduko zituanik? —itandu eutsen ostera bere Pedro Mariri. —Zein gero? —erantzun eban onek—. Gizonik indartsuenak adore baga geldituten ei ziran lamiñak ikustean bakarrik, eta ez ei zan iñor azartuten euren kontra ill edo bizi iokatutera. Erri askotako ienteak, goseak, egarriak eta bildurrak amaitu bear ei zituan.Bein baten etorri zan Euskal-Errira kanpotar on bat, eliz-gizona edo olangoa, paparretik bera kurutze eder bat ebala; eta kanpotar orrek esan ei eban berak ez eukala lamiñen bildurrik, eta kurutzearen izenean kenduko zituala lamiñok gure lurretatik. Iñok ez ei eutsan siñistu, baiña alan bere, gizona ikusi ebenean ain ausardi andikoa, danak gura ei eben euren etxera eroan. «Zatoz gurera» batak eta, «zatoz gurera» besteak., ten ortik eta ten emetik soiñeko guztia bere zatitu bear ei eutsen. Sartu ei zan bada etxe batean, eta bere atzetik ienten andia. Baeidagoz, baeidagoz, ikaraz guztiak kanpotarrori izan ezik, eta oso gautu zanean danentzat ianari apurren bat ipinten egozala, daun-daun atea. Emen dira! Galduak gara! asi ei ziran danak. Kurutzedun orrek, ate ondora ioan da, —zein da? itandu ei eban. —Lamiñea! —besteak kanpotik. Eta orduan kurutze donea esku batean artuta atea edegiaz, esan ei eban eliz gizonak: «alde onekoa bazara, sartu zaitez ordu onean; baiña alde txarrekoa bazara, kurutzean ildako Iaungoikoak ondatu zaizala inpernuko leize-zuloan». Eta au esanagaz batera, txilioka eta uluaka iges egin ei eban lamiña orrek eta etxe atan ez ei zan geiago besterik agertu. Iazoera au iakin zanean barriz, beste etxeetako gizonak asi ei ziran kurutzeak egiten, arrizkoak, burdiñazkoak, eta argizarizkoak bere bai. Arrizkoak bide-kurutzetan ipiñi ei zituen, burdiñazkoak mendi-gaillurretan eta argizarizkoak ate eta leioetan enplata. Ordutik aurrera ez ei da ikusi lamiñarik gure lur eta ibaietan. Ipuiña amaitu ebanean, kolkotik olezko kurutzetxu bat atera eta mun egiten eutsan Pedro Marik. —Guzurra dirudi gero —ziñuan Lopek— olango piztia txarrak munduan egon bear dabela. —Eta guzurra izango da, asi zan esaten Riktrudis, lamiñen ori beintzat. Irudipen bizidunen batek asmaurikop ipuiña izango da ori, baiña bere erakutsia badauka. Orrek esan nai dau kurutzen doneak inpernuko gaizkin danen kontrako indarra daukala, bertan, kurutzean, gure Iesus maitea il zalako: esan gura dau gaiñera kurutzean ustekida andi bat euki bear dogula, eta kurutzetarrak, naiz eta euskaldunak izan ez, izan leitekezala maitegarriak, kanpotik on egitera etorri zan eliz-gizon ori legez. —Baita beste zerbait bere esan gura deusku: —gaiñeratu eban Arnoldok— ezergaitik bere ez dogula aztu bear aitona zarren ekanduakaz. Iaungoikoak daki noiztik asi eta Berberak daki zergaitik, bada emen ez dakigu, euskaldunak, itxaropenik onena legez, Lauburu edo kurutze bat eroan dabe beti guda guztietara, aidean gizonen buru-gaiñetik, danak ikusi eien ondo, eta berari begiratuta indartu eitezen biotzak eta gogortu besoak. Euskaldunena izan da beti kurutzea Laubururen izenagaz, euskaldunakgandik, eta gure auzoko kantauritarrakgandik artu eben erromatarrak Lauburua. Berak gorde genduzan gatx askotatik geuk ezgenkigula, berak lagunduko deusku aurrerantzean bere, beragan siñisterik badaukagu. Arrats atako bigira, billera edo batuerea amaitu zan, eta iagi ziran danak oiari epel-aldi bat emoteko gogoagaz. —Gure Riktrudisek asko daki baiña —ziñoan ortz artean len aitaturiko neskatilleak— ez dakit egiaz ez ete dan lamiñen ipuiñ ori. Neuk kurutzea badaukat eta... Uste orretan sartu ziren beste otsein guztiak bere euren oietara, iñoiz baiño obeto buruen gaiñean kurutzea egiñaz. Baiña bazan Mendiolan aiñ gozietik oeratu ez zana norbait. Riktrudis, bere gelatxoan, oitura eban legez barruari astertu bat emoteko gurarian, iarri zan belauniko kurutze andi baten oiñetan, adiuneko nasteak zuzendu eta garbi ipinteko uste on bategaz. Ai! Ezin eban gauza bat baiño besterik gogoratu. Beti bat! Iesus kurutzekoa! —ziñuan— Iesus laztan zauriz betea, ez dedilla galdu nire arima Zuk zerurako sortu zenduana, ez eidazula itxi galdubidean edo esetsian iausten, Iauna. Zu gura zaitut gauza guztien gaiñetik maitetu. Etsai gaiztoak ekarriko eban beste gizon ori gaur nire bidera, plageak bialduko eustazan Adalbaldoren gorantziak Loperen bitartez... Iauna —iarraitu eban negarrez aspertualdi bat egin ostean— gizon ori ez da gaiztoa, Zure legezalea da, Zure bake gozoa nai dau berak lurrean, Zure maitetasunagaitik urkatuko litzatekeala uste dot. Eta, gaiñera, ondo begiratu ezkero, ez deitzot gauza okerra dana eskumunak ezagun bati bialdutea... Baiña, neu naz emen txarra, neu, neu! Egun guztian euki dot neure buruan gizon orren gomutea, eta bere gorantziak emon deustezenean taupada andi bat egin deust biotzak, neuk gura neban gisara ulertu dodalako gorantziak bialdutea. Ai, ene! ai, ene! Arren, Iauna, ez naizula itxi Zure eskutik... Ez ete dau bera Portunek atxitu bere bidean. Ez ori, neure Iaungoikoa, ori ez! Bera ona da eta, berak erruki ez dauka eta. Ni naz emen erruduna. Beti lengora eta beti lengura ioakit neure burua. parkatu egidazuz, Iauna, nire argaltasunaren utsegiteak. Damu dot, iauna, damu dot biotz guztitik... Ai, goizean banengo Amandogaz autorrera on bat egiteko! VIII – AMESAK ETA EGIAK Urrengo goizean egun-usaiñagaz batera urten eban iauregitik, eta eguzkia bideak galdatuten asi baiño lenago etxeratu zan Riktrudis. Pozez zoratuten egoan, ezagututen dogun leio baten ondoan, altzoan iosteko zapi batzuk zituala. Ez zan gitxiagotarako bere. Gabeko gogamenakaz ez eban arimako garbitasunik galdu; ez ziran plagearen gauzak izan. Egundo alangorik! Ez eutsan bada Amandok esan, Adalbaldo eta bera, Riktrudis, alkarrentzako iaiorikoak legez zirala, eta biak alkartutea errientzat guztiz ona izango litzetekeala? Prankotarrak euren nagusi bat euskaldunagaz ezkonduta ikusi ezkero —esan eutsan Amandok— euskaldunai obeto begiratuko deutse; eta euskaldunak, Arnoldo izen andikoaren alabea eta Adalbaldo bat eginda ikusitakoan, ez dira auzokoen kontra aiñ amorratuak egongo. Baña ori gauza andia zan! Ainbat andia! Gizaldi luzeetan alkar ikusi eziñik egozan arraza biak, batak bestea ondatutea baizen beste gauzarik gogoan ez eukan erriak, alkartu! Eta ona zana ezin ukatu zeitekean. Gizon guztiak aita baten semeak baziran, zerurako iaioak, danak anaiak legez bizi izatea bidezko gauzea zan. Batak besteari egitada txarrak parkatuteko agindu baeban Iesusek, alkarri parkatu bearrean egozan euskaldun eta prankotarrak. Berak, Riktrudisek, prakatuko eutsan edozeini edozer gauza: berez iatorkon mundu guztiaren adiskide izateko gogoa. Baiña, ezkondu! Olango gauzarik etxakon iñoiz bere gogoratu, eskabide andiak izan zituan baiña. Eta ori aitak eta amak eurak, noizean beiñ ezkontzea aitatu eutsela gero, eurak zarrak egozala eta. Aita zaindu, amari poz emon, morroiai gauza onak erakutsi: besterik ez eban gura izan. Gizonak ikusteak berak bildurra eta ikarea emoten eutsan, eta Portunek beste guztiak baiño geiago. Alanda guzti bere, Elizearen onagaitik eta errien bakerako, gurasoen gurariko bategaz alkartu bear izan ezkero, ezkontzeko doskañia bear bazan, eskondu egingo zan. Baiña Adalbaldogaz ezkontzeko doskañi bearrik ete eukan?... Zer ekian berak? Bai edo, ez edo... Olango gauzetan ez zan egundo ibilli eta. Adalbaldo gizon ona irudito iakon, tint ona; argia bere bai, baita; itxurazkoa, guztiz itxura ederrekoa; lerdena eta liraiña eta aukerakoa: besterik ez zan lango gizona. Eta Adalbaldo izan ezik besteren bategaz ezkonduko ete zan? Ez, orixe ez! Ezta, ezta lurreko ondasun guztiak gaitik bere. Eta gurasoak aginduko balebe beste bat senartzat etxera ekarteko? ai, ene! Iaungoiko maitea! Olango gauzarik ez ete eutsen aginduko. Maite baeben itxi eioela bake-bakean, ezkontzea nai eta nai ezko gauzea ez zan eta. Gaiñera, Amandok ziñoanez, Adalbaldo Riktrudisentzat ondo etorren gizona zan, Riktrudis Adalbaldorentzat gizako emakumea. Biak ondo alkartuko ziran, biak ondoen lagunduko eutsen apezpikoari eginkizun Iaungoikozkoetan. Eta baeukan eliz-gizon nagusiak laguntasunen bearra, bada Auñemendiko euskaldunik geienak fedegabeak egozan oraindiño. Ez alan beste euskaldunak, Iaungoikoari milla esker. Naparroako erribera aldean, berak, Riktrudisek entzuten ebanez, Iesusen barri onak erakutsi zituan Done Paulo Ientientzat Bialduak, kristiandadeko lenengo urteetan; Done Saturninok Iruñan, irugarrengo eunkidan; Done Bizentek Daxen eunkida orretan bertan, baiña aretarikorik ez zan mendietaraiño eldu, eta zerbaiten susmo eta zurrumurrua baiño asko geiago ez zan iakiñ orduan basoerri basterretan. Geroago, pixkaka, pixkaka, sartu zan Auñemendiñ zeruetako argitasuna, eta oraindio ez gara kristiñauok aiñ asko. Alan bere ez dauka Amandok bear lekua makala. Euskal-Erriko alde onetara etorri zan ezkerotik, bere gorputzari atseden bat ez deutsa emon. Io ona eta io orra, etxe batetik urten eta bestean sartu, batari on bat egin eta besteari obeak esan, or baselizatxo bat ipiñi eta emen lanerako lagun barri bat billatu, oni erakutsi eta ari burubide gaiztoak kendu, aserreak baketu, argalak indartu, gaixoari sendagarri onak emon eta biotzetan asi onak bota. Ez eukan edozelango buruaustea! Eta beti laguntasunen billa, Iaungoikoaren izenean. Zer laguntasun emon eikeon berak, emakume indarbagako zirzill batek, Amando gizon andi doneari? Zer egin daiket nik? —ziñoan—. Ez naz izan urria al dodana egiten Iesusen izena ezagutua eta maitetua izan dediñ: orretan igaro ditut oraiñ arteko egunak: neure ezagun eta adiskideen artean alegiñak egin ditut nik, eta aurrerantzean bere zerbait egiteko gogoa daukat. Ori bai, ori da neure marrea eta. Baiña, zelan urten neike nik neure marratik kanpora? Erri guztiari agergarri on bat emon bear iakola diño Amandok. Ai, Amando, Amando! Agergarri orrek euskaldun askoren uko eta pukoak ekarri leikez nire gaiñera eta neure etxadi guztira bere bai. Orixe da miñik andiena emongo leuskidana, neure aita eta neure amagaitik zerbait esatea. Esan daiela nigaitik gura dabena, ezaindu daiela nire izena, il naiela ni, gura badabe; baiña itxi daiuela bakean nire gurasoen izen onari. ain dira onak! ain ditut maite!... Banabill ni nunbaiten, Adalbaldogaz alkartutea ondo izango litzatekeala esan deustelako beste barik. Zer dakigu berak gurako leukean edo ez?... Zeiñek ete dakiz ondo biotzaren legeak! Areñegun esan baleuste niri prankotar bategaz ezkondu bearko nebala, zurturik geldituko nintzan, eta albiste orrek egun txar bat emongo eustan, eta gaur barriz Adalbaldo nigaz gogoratuko ez balitz, miñ andi bat artuko neuke biotz barruan. ai, neure Iaungoiko maitea! Ez da emen gauza guztia zuzen-zuzena, ez da garbi-garbia, ez da dana Iaungoikoaren naigurea egiteagaitik eta neure erriaren onerako: badauka zatiren bat neure gogoak, eta ez txikiena. Ai, ene bada ta! Biar bere ioan bearko dot nik Amandogana. Riktrudis onetan egoala, sartu zan Andre Luzia gizategian, eskuetan kaltzerdi-orratz zotzezko batzuk eta ardi-ari zatar edo ule lodia eroazala, bada orduan euskaldunen soiñeko eta oiñetakoak emakumeak egiten zituen, abarkak izan ezik. Iarri zan bere alabearen ondoan, sartu zituan zotzean iausita eukazan orratzaldaera batzuk, batu eban atzaparretan ule jira-bira, eta atzaparrak erabilliaz Riktrudisi begiraturik, esan eutsan: —Atorra ori asteko daukanan ondiño, neure alabea? Zeiñentzat don berori? —Ana Marirentzat. Donibanak artean ez dau bear da... —Ez dau bearko; baiña bear baleu bere, ez dakit amaituko ete eukean. I azan langillea eta igaroko lau egunetan ez don ezer egin ganoraz. Ez dakit nik zer darabilnan. Riktrudis begi bietaraiño gorri-gorri iarri zan, bere amak biotzeko gauzak ikusi baleutsaz legez. Etorri iakon gogarte guztiak esateko gogoa, baiña bildurtu egin zan. Zeiñek esan Andre Luzia bere alabeak begirune gozoagaz begiratuten eutsala prankotar bati? Amak ostera ez eukan buruan Riktrudisen usteko gauzarik, eta egin zituan itzak zerbait esateagaitik egin zituan. —Nik darabildana, Ama, nik darabildana. —Ez daukan esan bearrik, badakit eta... Odol barik gelditu zan Riktrudis au entzunda, Amak iarraitu eban arte. —Gauza guztiak zuzendu eta ondo ikusi naia. Bakea bear dala eta, alkarrenganako maitetasuna bear dala eta, or abill i beti. Nik neuk olango gauzak gizonentzakoak bakarrik dirala uste dot, baiña ez ionat ezer esango, badakit biotz onagaz egiten daunana eta. Edolan-bere ez daukan oraiñ neketan egon bearrik nai euana atera euan ezkero. Ozinbeltz eta Erebi aldean ingurauriko gizonak, sakabanatu ei ziran, Arnoldoren esanak entzun eta gero, eta ez ei da gudarik izango orain pixka batean. —Ez da bear bere, amatxo. Guda batek bere atzetik negar asko ekartzen ditu. —Ori ondo dakit neuk, iñok badaki. Baiña urteetan negarrez dagonak nai dau zerbait malkoen legorgarritzat. —Malkoen legorgarririk onena areiuai parkatutea da, amatxo. —Parkatutea! Neuk bere badakit parakatute ona dana, baiña, bazenki zenbat iruntzi bear dan! —Zerua gauza andia da, ama, eta zeruagaitik ori eta geiago bere egin bear. —Eta gaiñera parkatutakoan arroago geldituten iatzuz, gaizto, petral, arimabagako batzuk dituzu eta. —Zeintzuk? —Prankotarrak. —Ez danak, ama. Atzo, aitagaz Amandogana ioan nintzanean, ezagutu neban nik bat, eta aoa bete-betean esan leike, guztiz zala ona, arima samurrekoa eta kristiñau zintzo-zintzoa. Naiago neban zeuk ikusi bazendu, eta bere izketea entzun gaiñera. autortu euskun aspaldietako gudak prankotarrakgaitik izan zirala eta euskaldunakgaitik egundaiñoko gaizarik onenak esan zituan. Ia ba, aitak, besoak zabalduta, bere bularraren kontra estutu eban eta. —Zein? —Prankotarra. —Prankotarra Mendiolako Arnoldok bere bularraren kontran estutu! —Bai, andrea. —Edo ez diñozu egia, edo prankotar ori gizon doneren bat da. —Ez dot nik egundaiño guzurrik esan, dakidala... —Benetan, benetan, bai, ondo diñon, neure alabea; ez don ik iñoiz guzurrik esan, baiña neuk bere ez dot iñoiz olangorik entzun. Zein zan gizon ori? —Portunegaz aserratu zana, Amando apezpikoaren adiskide andi bat Adalbaldo dukea, gizon argia, edera, ona eta donea bere bai auzaz. —Ez deust niri ezer esan neure gizonak. Ez dakit nik egun oneetan emen zer dabillen. Euk biurtu ditun etxe onetako gauzak atzekoaz aurrera; euk erakuste eutsanaz otseiñai lanerako gogoa eta onbidea; euk emoten egunoro erakuste barriak eta arren gozoak; eu abill ezagun guztien artean Iesusen legea zabaltzen; eu az, diñoenez, inguruko landerrak dauken ongillerik andiena; eta euk eroango uanan Amandogana nire senarra. Ni baiño obea az, alabatxoa, Iaungoikoak gorde aiala eta. —Ez, ama, ez neban nik aita eroan, berak esan eustan niri, lagundu neiola. Eta ez eidazu niri ona nazala esan; neuk dakit nik zelango baltzuneak daukadazan ariman. —Baltzuneak! Ago ixilik, Riktrudis, ire baltzuneak besteentzat argitasun eta edergarri izango litzatekez eta. Itxi daiogun gauza orri eta esan eidan: zer egin zenduen Amandonean? —Ezer bere ez nik. Ioan giñan eta billatu genduan beregaz Adalbaldo. Amandok esan euskun bere antxinako laguna zala. Eta izketan eta izketan, apezpikoa, dukea eta gure aita, ezagutu eben alkar barru-barrutik, eta alkarren lagun egin ziran. —Eta batak bestea bularraren kontran estutu? —Bai, andrea. Zergaitik ez? Askotan, urriñetik gaiztoa irudituten iakuna, urretik maitegarriena dala, iñoiz. Zeure ustetan Aitz-barrengo burrukaria gizon txar, malzur, dongaren bat izango zan; baiña Amandoren etxean ikusi bazendu, gizonik doneena irudituko iatzun. Andre Luziak ez zituan Riktrudisen azkenengo itzak entzun. Bere senarragana ioakon gogoa. —Eta neuri aitatu ez —esan eban atseden txiki bat egin ondoan. —Nik uste neban aitak esango eutsula eta... —Zuk ez, zuk ez; aitak bada, aitak. Bakar-bakarrik, oerako arrenak egiten gengozala. Zeruetan zagozan gure Aita bat esan eragin eustan gure arerio guztiakgaitik. —Eta gogoz erantzungo zeuntsan! Ez da alan amatxo? —Bai bada, beti legez. Nik beti egiten dot arren neure seme maiteak il zituenakgaitik. —Ara non, ama, agertzen dan zeure biotz ederra. —Entzuin, Riktrudis —esan eutsan andre Luziak, bere alabearen lusintxa oni iaramonik egin barik— parkatuko deustan lengoan gogortxu egin neualako, ezta? Neuk bere ona izan nai dot, eu legez eta aita legez. —Parkatu diñozu? Iesus, Maria eta Iosepe! Zer gero parkatu? Zeuk uste dozun baiño bere obea zara eta... —Agur, gero arte. —Ama, beste gauza bat badaukat ba nik esateko... —Gero, Riktrudis, gero esango deustan; oraiñ beste zeregiñ batzuk daukadaz. Ara, aita ez dabill ondo, oian gelditu da gaur, eta zetan dagoan ikustera noa. —Aita ondo ez dagoala?... —Ez da ezer, ez da ezer —esanaz, ioan zan andre Luzia. eta ni bere beste gauza batera noa. IX – ZURRUMURRU GAIZTOA Egin, gizon zintzo eta errimeak, egiñ ondo, al dozuen giñoan zuen Sorterriari; ipiñi bere alde zuen biotza, zuen adimena eta besoa; igaro zuen bizitza guztia ainbeste maite dozuen Lurra ostendu eta gorde naian; estanda egin eta urkatu, bere izena izenik maitegarriena legez begiratua izan dediñ erbestekoen artean; baiña ez erritarren aldetik sari on bat itxaron. andia bazara, ezingo zaitue ikusi eta iango deutsuez azpiak zuek aiña ez diran gizonak; txikitxoa bazara, ezereztzat eukiko zaitue zistriñ, doillor, urruingarri eta billuts guztiak: ori izango da ezagututen zaituen danak zuentzat biotzaren erdian gordeko daben saria. Izan leiteke, beta onaldi batzuetan, besterik eziñean eta ondamuz beterik, zuen egitadaren bat txalotua izatea, kanpotik; baiña ez da biltz barruan txalorik izango: an, tolostura artean gorderik egongo dira gorrotoak, eta urtengo dabe ondo deitsuen eraldi batean, subeak trumoi egunetan edo saguzarrak ilunabarrean urteten daben antzera. Aitzaki txikiak bearko dira orretarako, uskeria bat izango da naikoa. Olan gertau iakon Mendiolako Arnoldori. andia zan bere izena Auñemendin, Euskal-Erriari on ugariak egin eutsazan, irakurleak dakian gisan, adiskide asko zituan, uste zanez. Baiña usteak ustean gelditu oi dira sarri. Asi ziran ienteak ortik eta emetik bata eta bestea esaten: batzuk, lotsagaldukoenak edo biotzik baltzenetakoak, salkindaria zala Arnoldo; beste batzuk, alabea ezkontzeagaitik prankotarren adiskide zala, norbaitek, Mendiolakoa, beti izan zala arro andi bat, eta oraiñ, bera ezertarako gauza ez zanean, prankotarrakaz gudarik ez ebala nai, bere izenaren argitasuna iñok illundu ez eian. Eta zurrumurrua, Baionatik asi eta Aramitzeraiño zabaldu zan bereala, eta estaldu eta aztu-eragin ebazan Arnoldoren egitada andi, ospetsu diz-dizariak, odei matasa baltzak illargi ederraren erraiño gozoak estaltzen dituan gisara. Mendiolako iaunaren kontrako salgaistak non-nai entzuten ziran: au zana, ori zana, nik banekiana, nik esaten nebana, bere morroiakgandik iakinikoa zana: danak euken Arnoldoren izen garbiari loikeri apurren bat bota bearra. Baiña gauza bi agertu nai ditut emen: bata da siñismen gaiztoak zirala okerrenak Arnoldoren kontra; bvestea, andre Luzia eta Riktrudisegaitik iñok ez ebala ezer esaten: gizona ei zan erruduna: besteak gizonaren ioskaiñeak. Non ziran orduan Arnoldogaitik arpegia aterako eben adiskideak? iñondik ez ziran agiri. Askok, sinistu eben Mendiolakoagaitik esaten zana, gauza txarrak laster siñistuten dira eta; beste asko poztu egin ziran, siñistu ez arren, bada gizon bnaten kalteak askoren poza ei daroa bere atzetik. Baiña gizon guztiak ez dira txarrak eta siñiskorrak bere ez; eta bat edo beste iarri ziran orraitiño euskaldun gidari zarraren alde. Ondo ordu txarrean eurentzat: bada eurakgaitik bere esan ziran iñoiz entzun ez ziran lango gauzak. Ubero txotxinduta egoala aspaldietan bere; Pedro Mari ogipeko zuri guzurti bat zala, ugazabagaz ondo eukiteagaitik sudurra ebaten itxiko leukeana. Amando barriz, iakiña! mundu guztiagaitik ondo esaten ekiana zan, eta ganera zerbait aterako eban Mendiolatik bere elizetarako. Uberori barre egiten eutsen bere erako nagusiak; Pedro Marik ia arpegiko narrua galdu eban iai bazkalaurre baten bere lagun artean: zanbroz eta atzamarkadaz beteta ioan zan egun batean txera; apezpikoaren iakituri eta donetasuna ez ziran naikoa Auñemendiko euskaldunen artean sartu zan itxumena kentzeko. Gizona aldakorra da berez; baiña txarretik onera nekez biurtuten da, onetik txarrera erreztasun andiagaz. Orregaitik Ozinbelzko batzarrean Arnoldo euskaldunik onenentzat eukeen gudariak eurak, andik egun gitxira salkindari gaizto bat zala ziñoen. Nondik baiña urte ete eban Arnoldoren kontrako salgaista oker bidebagakoak? Ez da beti errez izaten, olango ipuin dongeak bere iturburu eta abia nun eukiten daben erantzutea, baiña oraingoan badakit nik. Portun eta Loperengandik etorren dana. Portunek iakin ebanean Arnoldo eta Riktrudisek prankotarra Amandoren etxdan ikusi ebela, egonzan barriro Lopegaz lenagoko batean alkarregaz ikusi genduzan tokian bertan, Lopek esan eutsen Ozinbelzkoari bere gorantziak zertan artu zituan Riktudisek eta zelan prankotarrarenak; eta ori izan zan naikoa, aora etorri iakozan biraorik ikaragarrienak esan eta gero, Otxoaren semea kurruka billa asteko. Bekian zelan emon zeitekean dxastadarik andiena Arnoldoren biotzean: euskaldun gaiztoa zala zabalduta, diruak edo andinaiak okertu ebala adierazoten emon eta. Orretarako gogoratu iakon errez eta ugari billatuko zituala laguntzailleak gudarako gogoagaz egozanen artean, Riktrudisen eskua ukatu iakuenean artean, Kristoren legekoak nagusitzat ezin ikusi zituenen artean, Arnoldoren aginpideagaitik ondamuz beterik bizi ziranen artean, argitasun gitxiko iente siñiskorren artean. Eta asi zan io batera eta io bestera, ixillik eta ziñazkida baten aria eskuetan baleuka legez, orkoai eta emengoai aditzen emoten euskal lurrean sorterri saltzailleak egozala, norbere etxadia ondo euki ezkero besteen ardurarik ez eukela norbaitzuk, eta beste olango ipuiñak; autortuten ebala azkenerako, belarrondora eta iñori ez esatekotan, erri-saltzaillea eta besteen ardurarik ez eukan euskaldun madarikagarria zein zan: Arnoldo. Eta zelan ekien askok prankotar agintari bat Arnoldo eta bere alabeagaz egon zala, eta beste askok Ozinbelzko batzarrean zer gertau zan ikusi eben, guzurrak egiaren itxurea eukan, eta egia balitz legez ebillen aotik aora. Astiune andian bear izan eban alan bere Mendiolako iauregiraiño elduteko. Morroiak bekien, baiña zelan esan nagusi etxekoandreari? Olango albisteagaz beragana ioaten ziranak zuzituko zitukean Arnoldok. guztiz ona zan, guraso bat zan danentzat; baiña bere izen onari geldi-geldi itxi bear iakon. Baiña olango gauzak ez dira ixillik luzaroan eukiten, nai izan arren. edo norbaiten zurreztak edo lagunen arpegikeriak, edo umeen eziakiñak, edo ume itxurakoen iardun eta barritxukeriak, usterik gitxien danean kenduten deutse estalkia eta orduan izaten dira ordukoak. Pedro Mari atzamarkadaz beteta etxeratu zan egunean erdizkako itz batzuk kanpoan entzun arren, ez zituan Arnoldok ezertakotzat artu; baiña bere iauregian sartuta, morroirik onenaren arpegi illun eta urratua ikusi ebanean, itandu eutsan, aita on batek seme maiteari legez: —Zer dok, Pedro Mari? Zer gertau iak? Eta morroi zarrari ezer esateko astirik emon baga, Ana Mari motsak ugazabari erantzun eutsan: —Burrukan egin ei dau, zeugaitik zerbait esan dabela eta. —Nigaitik? —Bai, iauna. —Ez da, ez da, guzurra da, iauna —esan eban Pedro Marik, zer ziñoan ez ekiela— iausi egin naz, ara or zereko zerean. —Pedro Mari —iarraitu eban ugazabak— esan egidazu niri egi egia. Zer esan dabe nigaitik? Neuk bere zerbait entzun dot, eta ez deutsat iramonik egin; baiña oraiñ emen dakustanak argituten deust adimena. Betosko aserrea eukan Arnoldok au esatean. Begiratu eutsan Pedro Marik, eta ikusi ebanean bere nagusiaren bezintarte gogorra, erantzun eutsan: —Ez diran gauzak, iauna. —Zertzuk? Begiratu eutsan otseiñak barriro, eta ugazabaren arpegian ezagutu ebanean nai eta naiezkoa zala garbiro erantzutea, esan eban: —Iauna, ez dau iñok siñistuko, ezin leike siñistu zeu ezagututen zauzanak, zergaitik... —Eroapenak amaitu iataz, Pedro Mari, eta euk bere amaitu egik bein. —Erri-saltzaillea zarala zeu eta... —Eta? —Riktrudis ezkonduteagaitik prankotarren adiskide zabiltzala. —Zeiñek esan deusk? —Askok, eliza-atean egozan danak. —Eta euk, zer erantzun deutsek? —Nik? Aurrean neukanari ukabilkada bategaz agiñak atera. Baiña asko ziran eta... Gaur arratsaldean orraitiño... —Eta ire aldekorik ez zan? —Iñor bere ez. —Beraz Mendiolako iaunak i baiño beste adiskiderik ez eukan? —Aldra atan ez iauna. —Eliza batekoa: toki askotako ientea etorten da mezara eta. Lotsea, bekaitza eta arimako samintasun sakon eta neurrigabea irakurri ziran Arnoldoren arpegian, berbakaz ezer ez eban agertu baiña. Otordua da eta iaizue, esanaz, igo eban mandiotara eta an asi zan batera eta bestera bere gogamenakaz guda bizian. Mutik ez eutsan iñok atera: iauregi dana, illerria legez, ixill-ixillean gelditu zan: ixillean morroiak ezkaratzeko aulkietan iarririk, zer esan ez ekiela; ixillean etxekoandrak, sokoren baten sartuta. Arnoldoren oinkada desbardiñak eta emakumeen zotiñ-zizpuruen soiñua besterik ez zan ez ntzuten. Ilbarria sartu zan etxe atan: Mendiolako etxe iaun ospatsuren izen bedeinkagarria Euskal-Errian il zala iakin zan. Nondik etorren eriotzea? Zein zan iltzaillea? —itauntzen eutsan bakotxak bere buruari. Eta buru argikoenak laster erantzuten eben: eriotzea Ozinbeltz aldetik dator, siñisgaiztokoen eskuetatik. Eriotzea alda bada, edo gaixo aldiren bat? —ziñoan bere artean Arnoldok. Eta berberak erantzuten eban: bai, eriotzea: erriak gisa orretan iarritakoan, ez dira berealakoan beste aldera biurtuten: urteak bear dira orretarako, eta ni ez nago urteetarako eta gitxiago bere. neure erri maitearen biraopean ill bear dot! Baiña nik ez daukat zergaitik lotsatu, eta gaur arratsaldean enprarantzaren erdiran urtengo dot, gizonik geien dagoan tokira, eta etxerik etxe ioango naz gaiñera neure bekoki garbia erakusten, eta ikusi bear dot oirandik nire berbeak surik eta biotzak irabazteko indarrik ete daukan; iakin bear dot nire morroiari esan deutsena neure arpegira esateko ausardirik badauka iñok. Ugazaba olango burubideakaz ebillen bitartean, Pedro Marik artu eban aizkora bat, eta atariko zorrotz-arri latzean asi zan zorrozketan. Aizkoreak arrian egiten eban otsa aitu ebanean, iagi zan Riktrudis bere lekutik, ioan zan Pedro Marigana, eta esan eutsan: —Zer darabilzu? —Ikusten dozu. —Itxizu bere lekuan tresna ori, eta buruan darabilzuzan gurari txarrai bere itxizuz. Zuk ez dozu gaur etxetik urtengo neuk esaten deutsudan agindura baiño bestera. Zeiñek uste dozu aterako ebala gure aitaren kontrako salgaista ori? —Ozinbelzko mozoloren batek. —Bada Ozinbelzko mozoloagana ioan bear dozu, eta esan nik diñodala berak egin daben kaltea berberak aguro desegin daiala, nik inoiz arpegira begiratutea gura badau. —Baiña areri etxako olango... —Ixo, eta ibilli azkar. Egun atan iñok ez eban otordurik Mendiolan egin, Lopek ez bada. Iauregiko guztiak negarrez egozan. Lope Nagik aberetxeko ate ostean beregandu zituan iaki guztiak mauka mauka iaten ziarduan. Ugazabaren ardurakgaitik goseak ilten itxi bear aleutsan bada bere buruari? X – ONDORENGOAK Aurreragotxoan ipiñia daukat, andre Luziari entzunda, Arnoldo osasunean ez ebillela ondo. gisagaixoa zarra zan, lan asko egiña, neke eta zaparrada asko artua eta bere garaian gizon sendo zoli, indartsu eta gogorra izan arren, aspaldietan, eta urteen astuntasunak amaituteko zorian eukan euskaldun aitona zindoa. eta urteak baiño geiago, igaroriko bere egun samiñezkoetan sorbaldean gaiñean artu zituan zartada mingarriak. Ia bada, irakurlea, zuk dakizun legez, bere alboan ikusi zituan il eta iausten seme galant bi, bere zartzarako itxaropen on bat emoten eutsenak, bere oiñordekoak, Mendiolako izengoitia guztiz garbi eta diz-diz eragiñaz eroango eben gizakoak; eta iruditu baiño ez daukazu zenbateraiño izango zan orduan Arnoldo gurasoaren biotzeko naigabea, eta iazoera orrek noraiño iango eutsan osasuna. Semeen eriotzea ontzat emon eban berak, Euskal-Erriaren alde il ziralako: ez eban kanpotik ezer erakutsi, baiña barru-barruan gelditu iakozan atsekabe eta negarrak biotz guztia puzoindotuten. Otxoak deitu eutsanerako, Arnoldo ez zan iñoizko Arnoldo. Burutsua eta anima andikoa egoan, gogorik onenetarakoa; baiña belaun eta besoak indargabetuak eta gorputza lurrera begira eukazan antxiñatxutik. makilla lodi baten laguntasuna izan ez baleu, ez eban Ozinbeltzeraiñoko osterea egin al izango. Alanda guzti bere, etxera eldu zanean asko geiagorako ez zan. Eta gero Amandoagana ioan eta an billatu eban gizonagaz itz egin ezkeroan, pekuan gelditu zan, ar andi bat asi iakon barru guztia iaten. Adalbaldo prankotarra zan, gizon donea, besteen argaltasunak ezagutu eta parkatuten ekizana, Arnoldoren eritxiaz, bera baiño azkozaz obea. Eta alango gizonak, Mendiolakoaren ustez, bat eta bi baiño geiago izango ziran prankotarren artean. An eta emen, ziñoan beretzat, onak eta txarrak dira, beste erri guztietan legez. Eta nik, danak txarrak dirala siñistu izan daroat gaur arte, eta txarrak bakarrik dirala erakutsi izan dautset askotan, prankotarrak ill ezkero neureak ilteari begiratu baga. Beti ibilli ete naz zuzen-zuzen eta neure Lurra ostenduteagaitik bakarrik, ala Euskal-Erriaren areiuai euki dautsetan gorrotoak neurritik kanpora erabilli ete nau? Zer esango ete deust Iaungoikoak? Olango gauzak erabilzan bere buruan Arnoldok Adalbaldo ezagutu eban egunean, gogarte zakonak eukazan eriotzea etorkonerako arimako gauzak zuzen ipiñi nairik, bada betorren, betorren, bere ustez, eta arin aringa atan bere. Gau txarra igaro eban, estu, bero, larri eta inkesaka, eta goizean iagi gura izan ebanean, burua ariña eukan eta sukar pixka bat gaiñera. Alan bere, oi epelean geldi-geldi egon eta ama-alabak emon eutsezan salda on eta palaguakaz, pitin bat bere tentunera etorri zan, guztiz sendatu ez arren; eta iai egunean, ost-ostean bada bere, ioan zan elizaraiño. Baiña elizatik etorreran iakin ebanean garbiro bidean erdi-sosmau ebana, ill eta gelditu zan Arnoldo gurea. Beukan arimearen aldetik gogo, kemen eta ausardi naikoa gaiñera iatorkon ekaitz dongea eroateko; baiña gorputzak ez eukan ezertarako indarrik. Ainbeste egunean erdi-ianean eta gogamenakaz burruka bizian burua ezin iasorik egoan gizon zarra, Pedro Marik emon eutsan albisteak nai eta nai ez amaitu bear eban. Ai ze atsekabea, ze atsekabea Arnoldorena! Eri zalegia izan ete zan bildurrez egoan orduan erri saltzaillea zala ziñoen! Euskal-Erri saltzaillea. Zein eta bera! Zeiñek asmau eban aiñ guzur arrigarria? Euskaldunak. Zeiñek siñistu? Euskaldunak. Erantzuera bi oneek Arnoldoren gaiñera, Gorbea, Anboto, Aitzgorri, Aralar eta Auñemendik batera euken baiño astuntasun andiagoaz iausten ziran, eta ezertarako adore baga izten eben lenengo, arnasarik artu ezinda gero: lerdatu, zeetu eta birrindurik azkenerako. Albistea artu barrian enparantzan urteteko asmoa eukan, baiña laster, oiñen gaiñean ezin egonik, iarri zan aulki zar batean, ipiñi zituan ukalondoak belaunetan eta esku zantsu argalen artean buru zuri gurgarria. Sartu zan orduan Riktrudis gizategira, eta aingeruak zeruan euki oi daroen gozatasunagaz esan eutsan aitari: —Aita, zerbait artu bear dozu: ara emen erretilluan salda ederra, eta alster ekarriko deutsut beste gauza on bat. Iaso eban Arnoldok bere burua; begiratu eutsan alabeari irribarre negarrezkoagaz, eta erantzun eutsan: —Ez, enetxoa, kalte egingo leuskit orain. Iolas-zelaira ioan bear dot, eta andik bekoki garbiagaz natorrenean, artuko dot gura donana. —Zer diñozu, aitatxo? Bekoki garbia? Zeiñek dauka zuk baizen garbia Euskal-Erri guztian? —Bai, baiña ori kanpokoak esan bear deuste, ez etxekoak bakarrik —erantzun eta iagi zan bazter batean eukan makillea artuteko asmoagaz, baiña zorabiau iakon burua, begiak lausotu iakozan, asi zan albo-alboka, eta iru edo lau oiñkada emon orduko, oso-osorik io eban beia. Iausi zan gorputzaren daunbadea eta Riktrudisen deadarrak entzutean, igon eben bekoak aida batean, iaso eben oera etxeko nagusia, eta asi ziran danak gora eta bera, arin-aringa eta estropozuka, batak saldea, besteak ura, onek gatza eta ozpiña arek okendua eta zapiak bilatu naian eta eziñ ezer eskuraturik, olango iasoeretan izan oi dan antzera. Ebagi andi bat egin iakon buruaren erdian aitonari, eta arpegitik bera odola zerion parra-parra. Zauri sakona zan, eta kortako amaraun guztiak odola geldituteko ez ziran naikoa, eta iñok ez ekian zer asmau. Alan bere, egin bear zan zerbait, eta zelan edo alan lotu eutsen burua. Arnoldo, bere emazte eta alabeak egiñalak egin arren, ez etorren bere konortera. —Zeiñek daki emen osagille on baten barri? —itandu eban Riktrudisek estu estu. —Emen, inguruetan —erantzun eban morroi batek— ez da izango osagillerik: bakotxak egin daroagu geure osasunerako al doguna, asabetatik ikasiriko miritzi eta bedarrakaz; baiña entzutea badot Ezpeletan badala gizonen bat olango gauzetarako asko ikasia. —Bada artu bidea antxitxika batean, eta arnaseak deutsun artean ez gelditu. Doiala beste bat Amando iauna gana, esan daiola zer gertau iakun, eta etorri al badei. Agindu guztiak Riktrudisek emoten zituan, bere ama ez zan ezertarako bere. malko samiñak ixurtuaz eriaren oe ondoan iarririk, ezkerreko eskuagaz senarraren bati gogor oratuta, eskumakoa bigun eta laban arpegitik erakilkola, «Arnoldo, Arnoldo neurea —zirautsan— ez nakuzu emen zure ondoan? ez dantzudazu? Eregi egizuz obeto zeure begi ederrok, begiratuidazu. Ara emen Riktrudistxo. ezdakuzu au bere? Ez zaite bada mututurik egon, neure senar maitea. lur onetako ondasun guztiak eta neure bizitzea bera baiño zure itz bat gurago dot. Esaidazu zerbait, Arnoldo, esaidazu zerbait». Olan egon zan andre Luzia oe ondotik aldetu baga luzaroan; baiña Arnoldok zirkiñik ez eban egiten eta berbarik gitxiago. Illuntzean orraitiño, etxeko andre biak eta Amando gela barruan egozala, zispuru luze bat emon eta pitin bat begiak eregi zituan. Urreratu iakozan danak, eta iñok itz bat atera baiño lenago esan eban osta-ostean: —Maite! —Zein maite, aitatxo? —itaundu eutsan alabeak. —Zu... eta ama... euskaldunak. —Eta Iaungoikoa? —Iaungoikoa... gehiago... ez dirudi baiña. —Nun dozu miñ, Arnoldo? —esan eutsan emazteak. —Buruan eta biotzean... biotzean batez bere... estanda egin ete deustan nago. —Osatuko zara: osagille on baten billa bialdu dogu Iosepe otseiña. —Alperrik! Ez naz osatuko, eta nai bere ez. Badakust eriotzea, eta ondo etorri izan dedilla. Zeuek ementxe itxi bearra... Lertuko ez bazan urten bear izan eban gelatik andre Luziak. Alabeak aitagaz berbetan iarraitu eban: —Autorrera on bat egingo zenduke, aita? Gauza ona da eta. —Pozik. —Noiz gura dozu? —Zeinbat lenago... obeto. —Ara emen apezpiko iauna. Biurtu eban burua gaixoak, esanaz: —O! Ez zaitut lenago ezagutu... Milla esker, Amando iauna: garai onean etorri zara. Ainbeste bidean... —Arima bati lagunduteagaitik Lurraren azkeneraiño ioango nintzateke: zuri, neure adiskide ona, zuri lagunduteagaitik onaiño etortea ez da ezer. Geiago eginko neuke eta pozarren... —Milla esker, iauna, milla esker. Nai dozunean asi geinkez. Urten eban Riktrudisek gelatik kanpora, eta an gelditu ziran apezpikoa eta Arnoldo bakarrik ordu erdi bat inguruan. Amandok atea eregi ebanean bera eta gaixoa biak egozan negarrez, biak erakidara eta Iaungoikoari eskerrak emoten. Ioan zan eliz-gizona andik ordubeteko bidean egoan elizatxora gure Iaunaren billa eta Mendiolakoak gelditu ziran otsandigoe atarako etxea maneau nairik. Artu eben naikoa zeregiñ. Gela barrua zuri-zuri iantzi eben, gizategi edo mandiota isats eta izuzkeagaz igortzi goitik eta beraiñoko mailletan olango ereti edo mugaldietarako ondo gorderik egoan eutaldea ipiñi; zuiñoldeak erratzagaz garbitu. Lan guztiak amaitu eta gelatik asita atariraiñoko argimutilletan kruzailloak iziotu edo biztu orduko, betorren gure Iauna Mendiolarantz. O! Zeinbat anditasun, zeinbat lotoskinde, zeinbat arimako samurtasun egoan Iaunaren etorrera onetan! Ia gaberdia zan; gaua guztiz illuna egoan, truxutsua; euria gogor eta ugari iausten zan, aritz, pago eta gaztaiña zarren orrietan soiñu latz, motel, zarraparradazkoa egiñaz; aizeak, gora eta bera, batera eta bestera erabiltzan zugaztietako adar eta ostroak Egilleari ongietorri on bat emon eragiñ gura baleutse legez, aleben gisara... eta an eioan gauza guztien laubea, ia gizonen gorte eta laguntasun baga, bide ziorretatik zear, aldats kera; Argitasuna izanik, illunpetan; Izaterik altsuena zala, ezerez dan gauza baten antzera, iñoren eskuan, Berak sorturiko seme argal gaixoaren mingoztasunak eztitutera. Amandoren aurretik gizon bat bakarra zan, esku batean argizari amatau edo itzalitako bat eta bestean zekekezko lasto moltso biztua zituala. Lasto-moltsoa aidean erabilten, gau baltzaren barruan ikaragarrizko ziamarrak egiñaz, eta noizean bein apezpikoaren aurrean ipinten eban, bide-zuloetan euriak egin zituan osintxoak ikusirik, alderatu zediñ al eban giñoan. Docebo iniquos vias tuas, —ziñoan Amandok bere arrenetan iarraiturik, fede-bagako euskaldun batzuen etxe aurretik eioala, —et impii ad te convertentur. Eta etxe atako txakurrak, argia eta oinkadak sosmau zituenean iratzarturik, zaunkaka, zaunkaka erantzuten eutsen Amandoren arrenari, esate donearen kontra gogarpegu gura balebe legez. Quoniam si voluisses sacrificium, dedissem utique —zirautsan aurreratxoago, eskuetan eukan Iaunagan baiño bestetan arretarik ipiñi baga, —holocaustis non delectaberis. Eta txakurrak, artu eben arloan aspertu eziñik, oso bertan batzuk eta guztiz urriñean beste batzuk zaunkaka zaunkaka ziarduen. Mendiolara eldu baiño lentxuago Amando eta bere lagunak billatu eben bidean, eurak legez dana bustirik eta basaz betea etorren gizon bat. —Zer da au? zeiñentzat da? —itandu eban. Baiña ez eban erantzuerarik bear izan, nora ioazan ikusi zituan eta. Barru guztia irakiten iarri iakon ezagutu ebanean bera Ozinbeltzen zan artean Mendiolako iaregian gertau zana, eta bere aurrean euki baleu orduan Ozinbeltzko mozoloa, eskuetako makilleagaz ilgo eban. Pax huic domui, et omnibus habitantibus in ea —esan eban Amandok Arnoldoren gela barrura sartzean. Gaixoak bere siñismen bizia agertu eta bereala, apezpikoak itandu eutsan: —Parkatuten deutsezu biotzetik zuri naibageren bat emon deutsuen guztiai? —Biotz-biotzez —erantzu eban oekoak. —Eta zeuk iñor itzez edo egitez naibagetu badozu, parka eske zaiakoz? —Parka-eske naiako. eta, iauna, neure barruko gogamenak agertuteko itz bi esan gura nituke orain. —Ezaizuz bada. —Neure bizitza guztian egin ditudan gauza danak onbearrez egin izan ditut, baiña ez ziran danak onak izango. entzun daiela orain nire etxekoak eta nire etxekoen aotik iakin daiela euskaldunak, oraiñ, eroitzako ate ondoan diñodana: euskaldunak alegiñak egin bear ditue, ill arteraiño, euren lurra, euren ekanduak eta euren berbeta ederra gordeten: arrotza gogorrean iaurti daiela erritik kanpora: ugre arteko gauzetan geuk izan bear dogu nagusi, etxekoetan etxekoak izan bear daben senera: lapurrak ostu dauskuena beti da gurea, gizaldiak igarota bere eta geure etxera ekarten saiatu bear dogu: bidezko gauzea da lapurren ondoan bizi dana lapurren bildur eta beti esna bizi izatea; baiña ez da ondo erbestekoari gorrotoa gordetea atserrritarra dalako beste baga: gauza okerra da guri egindako gaiztakeria ez aztutea, naiz eta gaiztakeririk mingarriena izan, niri egin deustena dan legez... Lurbira guztikoai parkatuten deutset, lurbira guztikoai parka eska naiakue, eta Iaungoikoak parkatu daidala neuri... Ondo esan dot, Amando iauna? —Ain ondo eze zuk emen esan dozuna euskaldun guztiak iakitea eta ikastea gura neuke... Arituizu, neure anai maitea, Iesukristo gure Iaunaren gorputz, odol eta Iaungoikotasun guztia zure sendagarritza. Berak parkatu daizuzala zure uts egiteak eta eroan zaizala betiko gozotasunera. Artu eban Arnoldok gure Iauna, eta gelditu zan ixillik, begiak itxita, eskerrak emoten. Iltzakotzat artu zeitekean, ain egoan zirkiñik bagea, baiña bere biotza iñoiz baiño bizi eta gartsuagoa eukan bere Iaunaren aurrean. Arnoldori bake-bakean itxita, Amando eta lagunak urten eben gelatik kanpora, soiñeko eta oiñetakoak aldatuteko, bearra bere baeuken eta; eta aldatu ondorean ioan ziran sutondora, piska bat epelduteko usteagaz. an egoan beste gizon bat bere, soiñekoak legortuten. Iosepek ekarri eban osagillea zan, eta, ziñoanez, Arnoldok ez eukan osatuterik. odolik bere ez eutsan billatu, tin-tin edo bultzadarik bere ez, izaera auldua eukan, eta olango bati Iaungoikoak emon eikeon osasuna, beste lurreko osagarriak ez. Buruko zauria ez zan ain andi andia: barruan eukan gatxa, barruan, eta gatx zarra. —Eta laster amaitu bear dau? —itandu eban Amandok. —Nire ustez —erantzun eban osagilleak— ez dau ordu beterik iraungo. —Gora noa ni —esanda, ioan zan Amando gaixoaren gelara. Orduantxe asi zan inkesaka Arnoldo. Arnasarik ezin eban artu, atseden bat gorputzari ez alde batera ez bestera ezin emon eutsan, burua izertara bere ezin eban ondo euki, izerdi larri otza asi iakon. Amandok azkenengo Sakramentua edo Orio Donea eutsan: —Riktrudis —deitu eban gaixoak— ni banoa eta gauztxo bat esan nai neuskizu zeuri bakarrik. Azkenengoa! —Esan egidazu, aita, gura dozuna. —Adalbaldo orrek... iñoiz aitatuko baleutsu ezer... baietz esan eikeozu. Ona da bera eta... norbait bear izan ezkero... bera baiño oberik ez dozu billatuko... euskaldunen artean bere. Ori da nire guraria. —Neurea bere bai, aitatxo. —Bai?... Noiztik? —Ikusi nebanetik, iauna. —Pozik ilten naz... Iaungoikoak bedeinkatu zaiezala biok... nik legez... Egizue bakea, eta euskaldunen ona... maite ditut eta!... Azkenengo berbak izan ziran. Artu eban eskuetan kurutze donea, osta osta ezpanetaraiño eroan ekan, eta aoa zabalik, Amandok berba onak esanaz parkamena emoten eutsala, il zan euskaldun bikaiñ argidotarra... Urrengo goizean ikusi eben Lope auzokoak, aginduren batzuk egitera zioala, erdi lotan, narras, nagi eta gogo barik, eta itandu eutsen: —Zelan da, Lope, ugazaba? —Ill da. —Ill? Aiñ laster? Zer izan dau bada? —Ptxe... Ill bearra. Ego aizeak baiño urte geiago eukan eta... XI – OTSOA ETA ARTZANORA Ez dot esan ondiño zelango arrerea egin eutsen Pedro Mari zarrari Ozinbeltzera egin eban bigarrengo ostera edo ioan-etorrian. Egia da, Riktrudisek bere, ez eutsan otseiñari itaunerarik egin. Zertarako? Gertau ziranak gertau ezkero on guztiak berandukoak izango ziran. Baiña irakurlea zerbait iakin guratan egon leiteke eta ipiñiko dot emen Portun eta Pedro Marik ze berba egin zituen. Au Ozinbeltzera eldu zanean atari ondoan iarrita egoan bestea, eta asi ziran biak era onetako izketan: —Zek zakarz onaiño, Pedro Mari? —Ez neure gogoak beintzat. —Orduan premiñaren batek. —Premiña ori zelan dan. —Gogo barik eta premiña andi baga zatoz bera3 Eta zer dakrtzu Mendiolako altzo-txakurra? —Portun, zeiñ zaran eta zertara etorri nazan badakit. Aizkora barik ez dot etxetik urten, eta ondiño, urteak izan arren, beste baten indarrakaz nire besoa neurtu leiteke. altzo-txakurrak ezagututen ditut nik, euren bizitza guztian emakumeen eregu billa dabiltzanak: urruingarriak dira, Portun, eta neure biotz guztiagaz urruinduten ditut. Ni txakurra izan banintz, artzanora izango nintzan, otsoko guztiai ortzak erakusteagaitik. —Ogipekoen ondar zikiña, gizon zirzillen billutstasuna, otsein doillorren zantarkeria: Ozinbeltzeko seme bategaz berbetan zagozana ez zaite aztu: esaidazu laster esan bear dozuna, eta kendu zaite nire aurretik tximistak baiño ariñago, neure txakurren agiñ artean amaitu gura ez badozu zeure bizitza txakurra. —Ozinbeltzeko seme andi, leiñargi eta gozoa, ez zaite ain laster aserratu, eta entzuidazu apur batean: Pedro Mari morroi, gizona dan aldetik, beste edozeiñ aiña bada; euskalduna dan aldetik, edozeiñ euskaldun beste; eta kristiñaua dan aldetik, kristiñau ez diranak baiño geiago. Zuk agindu deustazun txakurkeria ezleuskeo beste iñok Euskal-Errian aginduko, baiña zuk agindu eta egiteko bere gauza tint andia ez da: andiagoak egin oi dituzu. Ez zaite aserratu egiak entzunagaitik, ez zaite iagi Riktrudisek diñotsuna aitu baga. Neuk bere beste gauzetarako baiño, burruka on bat egitreko gogo obea ekarri dot, eta alan bere, ez dot burrukarik nai, neure etxekoandratxoak gura ez dabelako. Bere eskuetan Pedro Mari itoteko gogo amorratu bat eukan Portunek, eta ezbearren bat egiteko ziruan egoan; baiña Riktrudisen izena entzun ebaneko, otsoa okela barrira ioaten dan antzera, Mendiolako alabeagana gogoa eta biotza ioan iakozan. Bat-batera otu iakon ez zala baldin egia zuzena izangoLope astoak esan eutsana, eta ez ebala ondo egin berak, Portunek, Mendiolako nagusiaren kontra aiñ azkar ekitea. Alanda guzti bere ez eban barruko artega eta bakaldarik erakutsi gura, eta gitxiago bere buru arroa Pedro Mariren aurrean iatzi, eta len baiño biguntxoago itz egiñaz, erantzun eutsan: —Riktrudis! Riktrudis! Ori da bada kristiñauen artean daukazuen usaiñ gozozko lorea, lora bakarra: beragaitik bizi zara arrotuta kristiñau danok, batez bere Mendiolakuok eta mendeko morroi zakarrok; zuen arrotasunean, euskaldunen nagusiak dirudizue. Eskerrak emon eikeozuz berari, gaur emendik azurrak osorik eruaten badituzu. zuek ezeze geuk bere Riktrudisgaitik zerbait egingo genduke. —Ez da ezagun. —Ez dala ezagun? —Maite bazendu, bere ona gura bazenduke, zure egitadeok beste era batekoak izango litzatekez: gaur eragiten deutsazun beste negar ez eunskio eragingo. —Zer diñozu ostera ogipeko lapur, ordi, guzurti, lotsabagea? —Egia nik beti, miñ emoten badeutsu ere. Zu zara guzurtia: zuk zabaldu dituzu emen guzurrak Euskal-Erria guztian, zeuk dakizu zergaitik, eta nik bere bai. Zuk esan dozu, guzurra dala iakinda, Arnoldo nire ugazaba, euskaldunik onena, garbiena, leiñargiena eta zintzoena, Euskal-Mendiagaitik geien egin daben gizona, erri-saltzaille bat dala; zuk esan dozu, bere alabea ezkonduteagaitik, prankotarraren alde biurtu dala; zuk eragin deustsazu negar samiña Riktrudisi; zuk egin dozu euskaldunen artean bestek egingo ezleukeana; zuk, salkinde, billau, pizti madarikatu orrek. Pedro Marik, azkenengo berbak, dana suturik esan zituan: buruaren erdira etorzan arrikadak legez artu zituan besteak. Ez eban uste bere egitada gaiztoa aiñ laster iakingo zanik, eta Pedro Mariren aotik alango salaketa gogorra aitu ebanean, adore baga gelditu zan. Ez eukan Portunek Pedro Mariren ardurarik: makilka zuzitu edo miña errotik kendu ezkero, amaiturik eukan arenganako ipuiña; baiña Riktrudisegaz eukazan beste ipuiñ batzuk. Zer esango eban Riktrudisek, bere aitagaitik alango gauzak asmau zituana Portun zala iakin ebanean? Zelan maitetu eikian orain, lenago, bear bada, amteituko eban Portun? Ori zan, ori, Ozinbelzkoak adimenean eukan ipuiña. Riktrudisen aurrean zuritu bear eban bere burua Portunek, al eban giñoan. Zeiñen bitartez? Pedro Mariren bitartez. Ez egoan beste biderik. Baiña olango gogarterik ez balerabill legez, beregandetasun andi bategaz, esan eban: —Oraintxe artean ez deutsut igarri. Zoratuta zagoz, gizagaixuori. Barre-gurea deustazu. —Benetan daukazu barregurea? Riktrudisen negarrak emongo deutsue: nire zorotasunak ez, badakizu zoroa ez nagona eta. —Zagoz ixillik, gizontxoa; bestela, zeure zorotasun eta guzti, amaituko zaitut. Riktrudis negarrez badago, orretarako erakaia norbaitek emongo eutsan, nik ez. —Bai, zeuk, zeuk: zure miñak alperrik esaten dau ezetz, zeure barruak baietz diardutsunean. —Nok esan deutsu zuri olango ipuin okerra, otseiñ lotsabagea? —Okerra da beraz egin dozuna? Ondo da zeuk ezagututea. Garbiro erantzungo deutsut. Lenengo neure biotzak esan deust, gero Riktrudisen aoak, urrengo... —Eta Riktrudisek bere olango guzurrak siñistuten ditu? —Guzurrak ez, egiak bai: Riktrudisek eta bere etxeko danak onezkero. —Eta nik esango baneuskizu... —Alper-alperrik guztia: ez neuskizu siñistuko; ezta, ezta, Iaungoiko egiazkoaren izenean esango bazendu bere, zuk ez dozu esango baiña. Guzur aiñ ikaragarriak asmau eta esan dituanak, asmau eta esango lituke andiagoak, lengoak estalduteagaitik. Ateak itxita eukazan Portunek. Pedro Mariren bitartez ezin zeikeon iakiñ eragiñ Riktrudisi, ez zala bera, Portun, erruduna. Iñok ez eutsan siñistuko. Apetau iakon orduan beste bide batetik astea, bere barruko naigabeak esanaz. Giza orretan baldiñ obeto urten eikean: Pedro Marik Riktrudisi zerbait esan ezkero, erruki apurren bat artuko eutsan onek. uste au ontzat arturik, asi zan esaten: —Egin daigun, Pedro Mari, nire kontra esan dituzun gauzak egiak dirala... —Ee? —Itxoidazu piska baten, entzuidazu, berbetarako gogoa etorri iat eta. Nik ez dot esaten neu nazana: ori eziñ neike esan. Diñotan gauzea da, ni baldin banitz, ez ete neukaken orretarako erakai edo arrazoirik. —Zer? Nondik? Zelan? Oraintxe bai nagola ni zeu zoratu zarala eta. —Entzuidazu geiago eta obeto. Zuk ondo dakizun legez, urteetan dot maite, ezin geiagoan, Mendiolako alabea; urteak igaro ditut bere arpegia eziñ ikusirik, izten ez eustelako; ez dot iñoiz bere aotik niri esandako berba bat entzun, eta besteren bitartez bere ez, lanagoko bat artean. Zeu etorri ziñatazan, eta Riktrudisengaitik ezer egin gura baneban amatatu neiala gudarako sua esan zeunstan, eta amatau neban edo ez neutsan geiago surik emon beintzat. Riktrudisegaitik egin neban ori, Pedro Mari, iruntzialak iruntzita! Poztu nintzan orduan, orditu nintzan, pozez zoratu iatan, orduantxe bai zoratu iatala, eta neure zorotasunean bialdu neutsazan... baiña ez, ez dakit zer esaten dotan... Gozotasunez eta itxaropenez beterik nengoala, isakiten dot prankotar bat izan dala or. Arnoldok eta alabeak ikusi dabela, arrera on bat egin deutsela, Riktrudisek begi onak ipiñi deutsazala prankotarrari... —Guzurra! —Guzurra da? Izan laiteke. Neuk bere naiago dot guzurra izan dediñ. Baiña nik egitzat artu neban orduan, erreten iarri iatan barru guztia eta... Zer egingo zenduke zeuk, Pedro Mari, olango estualdi batean? —Nik eta edonok, buru apur bat daukan gizona bada, iakin lenengo ondo, egiak ete diran esaten dituen albisteak, iakiñ gero norbere izena Mendiolan ondo entzuna bada edo ez, batez bere bertako alabearen aldetik; eta azkenean, igarri ezkero iñok ezin dabela ikusi norbera etxe atan, Mendiolako inguruetatik alde egin betiko, iñori buruko miñik emon barik, norbere buruko miñak nonbaiten kentzera. orixe egingo eban zu izan ezik beste edozeiñek. —Eta norbere itxaropen gozoari betiko itxi? Lenago il, lenago lurbira guztia erre eta kiskaldu. Ez dot nik olango erakidarik ikasi. —Kristinaua ez zarelako. Kristinaua baziña, iakingo zenduke eroapena zer dan, kurutzea maitetuko zenduke, eta lurreko zoriontasuna trukauko zenduke zerukoagaitik. —Bai e? trukaizu zeuk gura badozu, nik ez daukat truketako asmorik. —Ainbat gaiztoago zeuretzat. Emen ez dozuz bein bere zeure gurariak beteko, eta betikotasun ona galduko dozu. —Itxi daiogun gauza orri, eta esaidazu zetara etorri zaran, eta amaitu daigun bein. —Riktrudisen aldetik etorri naz esatera orain egon dozun dongakeria zuzendu daizula lenbait len, iñoiz berak arpegira begiratutea badozu. —Lenago bere olango gauza bat esan zeunstan, eta nik egitekorik asko egiñ arren, zelan erantzun deust niri Riktrudisek? —Zer deutsu gero zeuri zor berak? esaizu zenbat dan alogera, eta emongo iatzu, alogera bear badozu. —Ez diñot nik ori, gizon zital gorria. Nire alogera bere biotza litzake. ez dakit nik niretzat izango bada edo ez, baña, dana dala, Riktrudisi poztasun piska bat emoteagaitik egiñalak egingo ditut nik. —Oraintxe bai emoten deustazula nire barregurea zeuk. Otsoa legez asi zatxataz nenengoan, eta orain azeria legez amaituten dozu gure berbetaldia. Bildotx otzana gura zenduke zeure atzaparren artean? Ez dozu gitxi uste zeuretzat dagola uste badozu. Agur. —Oñastarri batek illgo al tzaitu ba bidean? —Eskerrik asko. Beste orren beste opa deutsut, ez da ondo baiña. Pedro Mari zioala, «galduko neuke nik ori bidean» ziñuan ortz artean Portunek, —baiña ez iatorkit ondo, nigaz euki daben izketea Riktrudisi esan bear deutsa eta. Pedro Marik ostera, «zer esan dot nik? —esan eban aopean—. Iesus, Maria eta Iosepe. Ori baiño obeak illten dira baiña, neure esaera dongea Iaungoikoak parkatu daidala». XII – ILL GAUA Betorren gizona eta emakumea ugari Mendiolara, Arnoldo il eta urrengo illuntzean. aideak, auzoak, gelditu iakozan adiskide apurrak, eta baita areriotarikoen batzuk bere, sartu ziran iauregi atako atetik barrura, eriotzearen aurrean oi dan ixiltausn eta begiruneagaz. Eriotzea zan etxe atako nagusia, eta bera esnatuteko bildurrean legez, biatzengaiñean igoten eben goiko egotokira gizon eta emakume danak, itz bat alkarri esan baga. Estaldu ziran aulki guztiak, bete zan mandiota. Erdi-erdian, aritz olakaz antxinetan egindako mai andi baten gaiñean ikusten zan Arnoldoren gorpua; Riktrudisek azkenengo iosi eban soiñeko barri bategaz iantzirik; bizar eta ule luze zuri ederrak ondo garbitu eta orraztuak agertuten ziran. bularraren gaiñean tolosturik eukazan eskuak, eta bien tartean zurezko kurutzetxo bat, kristiñautasunaren agergarritzat. Lau argi-mutilletan egozan lau argi eta lurrezko ontzitxo batean ur bedeinkatua, eriñotz zati bat barruan ebala. Ill gaua asi zan. Arnoldo, beste elizgizon lagun bi alboetatik zituala, sartu zan gizategian eliz-soiñekoakaz iantzirik; eta Ne recorderis peccata mea, Domine —asi zan esaten latiñez. Dum veneris judicare saeculum per ignem, erantzun eutsen alboetakoak. Au da, euskeraz: «Lurbirakoai gogortadeko epai bat emotera zatozenean, nire erru, gaiztakeri eta utsegiteakaz ez zaite gomutau, Iauna». «Nire oiñkada guztiak zure aurrean erabilli egizuz, Iauna», iarraitu eban apezpikoak. «Betiko desneke eta atsedena emon egiozu, Iauna, eta betiko argitasunak argi egin daiola». «Iauna, guzaz errukitu zaite». «Iesukristo, guzaz errukitu zaite». «Iauna, guzaz errukitu zaite». «Pater noster» esatean, Amandok astindu eban illaren gaiñean ur bedeinkatuko eriñotza eta gizategiko guztiak, ixill-ixillean. Zeruetan zagozan gure Aita arren egiten eben bitartean, eriñotzetik iausiriko ur bedeinkatuaren tanta bat gelditu zan, altsite eder baten irudira, Arnoldok eskuetan eukan kurutzearen beso batetik dindilizka, eta iausi eta zabaldu zan gero illaren soiñeko gaiñean, zerutik datozan esker-on, apainduri eta aberastasunak gure arima barruetan zabaltzen diran antzera. Amandok, arrenak esan eta bereala, berbaldi samur bat egin eban gizonaren ezerezaren gaiñean. Erakutsi eban argiro, zein neurtuak egozan gizonaren egunak, eta zenbat doekabetasunez beteak; zeiñ utsak ziran gure orduak, goizean eze eta eder izanik, eguerdi ostean zimen eta gabean illik gelditzen diran lorenak legez, edo gure aurrean beti igezka doan keriza baten senean, edo beiñbere eraldi eta tentun batean ezin gelditu dan izatearen itsuran: iaso eban goren gorengo mailletaraiño Arnoldoren leiñargitasun eta fede ona; eta amaitu eban esanaz, alangoak nai litzatezkeala euskaldunak errien osasunerako. Amandok azkenengo itzak esan zituanean, urten eban danen erdira andre alargunak, ioan zan senarraren gorputza egoan tokiraiño, begiratu eutsan artez artez arpegira, laztan bat emon eutsan, eta era onetan asi eban bere eresi neurtea, astiro, astiro: «Zu ioan zara zorionera, Zu ioan zara, eta ni ez! Zure illoian laster naukazu, Ilda ni bere, zu legez! Orma zarrean nengoan untza, Iausi naz orma zarragaz: Bere azpian eguzki barik Ni azkar igartuko naz». Bere barruko dolamen, errenkura edo inkesa bat legez, guztiz erraz eta berezkoa zan alargunaren asierea; baiña gogoratu iakon, ekanduak aginduten ebanez, aztertu bear zala zelan izan zan Arnoldoren eriotzea, eta argitaratu bear zituala ekizan albisteak, eta al ebanik gitxien esateko ustean, iarraitu eban: «Zeiñek ian deutsz, orma zarrari, Zeiñek ian deutsaz azpiak? Ez prankotarren balenka motzak Ez bada euskaldun piztiak. Auñemendi! Esna egon zaite! Piztiak dabilz auzoan, Eta kanpokoak gitxi dirala, Piztiak zeure kolkoan! Auñemendi! Pizti dongea Biotza iaten neuk daukot... Eta alan bere, senarra legez, Nik parkatuaz ill nai dot. Ian zuk, piztia, ian zuk biotza, Eta ni len bait-len amaitu: Nire biotzak, len ez baziñan, Euskaldun egingo zaitu. Euskalduna eta leiñargitsua, Piztikerien etsaia, Neure Iesusen legezalea Gizon guztien anaia». Mugidalde andi bat sortu eben andre Luziaren berbak bilkidako gizon eta emakumien artean. Danak ekien zergaitik zan piztien ipuiña, eta bene-benetako euskaldun kristiñauarena. Asi ziran murmur bata besteari zerbait esaten, baiña danak ixildu ziran Riktrudisen iagiereak. Ederra ederren artean, beste bat ez legezkoa zintzotasunean, biotzik samurrenaren iaubea, berbarik gozoenen esanlea, argia eta ona, gizategiko guztiakgandik izan zan ondo eta errukiz begiratua Riktrudis umezurtza. Ioan zan gorputz illa egoan tokiraiño eta asi zan esaten. –Aita bat neukan nik lurrean. Maite ninduan, egunak eguzkia maitetuten daben gisara, gauak zeruko izarrak maite dituan antzera. –Nire aita il da? Ez, nire aita ez da ill. Ara emen bere gorputza: arimea Iaungoikoagan dago: bata besteagandik urte batzuetarako aldendu dira. –Lurreko gizon gaiztoak ill gura izan badabe, ez dira gomutau, gizagaixoak, arimea ezillkorra dala. –Umezurtz errukarri bat egiñik gelditu ete naz? Ez: zeruetan daukadaz Aita Arnoldo eta Aita Iaungoikoa. – Ez deuste bada gizon dongeak bapere kalterik ekarri. Negargarrizko leku onetan malko batzuk ixuriko ditut; baiña zerutik legortuko deustez malkoak aita biak. – Berbak zelan neurtu zituan ez neutsan gogoan artu. Orregaitik ipinten ditut emen neurtu baga. – Ez daukat bada zer iñori parkatu; baiña baldiñ baneuka, poz-pozik eta arima guztiagaz parkatuko neuskio edozeiñi. – Neure Aitak eta neure Amak alan erakutsi deuste: alan agintzen deust neure Iaungoikoak». Riktrudisek amaitu ebanean, bere eresi ederto esanaren soiñua aidean gelditu zan, zidarrezko eskilla baten durundia legez, belarrietan gili gili gozo bat egiten ebala. —Ze bigun eta eztitsu agertzen dituan aingerutxu orrek Iesusen legeko erakutsiak eta bere biotzeko gurari doneak! —zirautzan atsotxu batek alboko lagun bati. —Naiago neban bere iardunak geiago iraun baleu, arimarako argi barri bat emoten deust eta. Zeiñ zan Ill gauan urrengo berba egin bear ebana? Aideak, Mendiolan sartu ziranean, gorrotorako egozan, eta zer esan ez ekien iauregikoen parkameneko eresiak entzun zituen ezkero, etsai apurrak lotsaturik gelditu ziran, iñok ez eukan geiago itz egiteko usterik. «Toki!» —esaten dau onetan, esku-makilleagaz beia iota, zutiñik egozan gizonen artetik erdiran sartu nai eban gizon zar batek. «Toki! neu naz oraiñ, senitartekorik lenago ez badago». Peru padarra zan. Ioan zan gorputz illaren ondora, esku biak ipiñi zituan makillan, begiak iaso zituan goruntz, eta asi eban itz neurtuetan bere eresia. Nik ez dakit ze neurritan erestu eban, baiña esan zituan gauzen mamiña au da: – Ai, Arnoldo, Arnoldo! Nok esango eban zure illoi aurrean etxeko emakumeak bakarri izango zenduzala ereslari? – Gizonik gizonena, gudalaririk argi eta sutsuena zu izan zara Euskal-Errian. – Lekobide Bizkaiko gizonen Iaun andiak ez eban bere buruan zuk beste argitasun eta besoetan zuk beste indar. – Aitor il zanetik ona, ez deutsa iñok nire Sorterriari zuk beste ondo egiterik emon. – Eta ezdakust emen euskaldun agintari bat bakarra, lurperatu zaiezan baiño lenago zuri esker on bat emoteko. – Kristiñau bizi eta kristiñau il zara: ondo datoz bada zure ondoan kristiñauen parkameneko eresiak. – Baiña baita bere bizi izan zara euskaldun, eta euskaldun ill, eta ez dira txarto etorriko Sorterriaren eresi eskertsuak. – Neuk esango deutsudaz, antxiñetako lagun zar mategarria. Neure txabolatik onaraiño ez naz bestetara etorri...». Atsedentxu bat egin eban emen, arnasea artu eta begietatik bera etorkozan malko-ariak legortuteko, eta gero, gaztetako egunetaraiño igonaz, iarraitu eban: – Mendian iaio ziñan eta mendian bizi mendizale, menditarrak ondamuz azpertu zaituen artean. – Zu eta ni mutikotxoak giñanean, alkarregaz ibili oi giñan basoan, arrotzak orporik ipiñ: ez daben toki itzaletan. – Odei aldean erroiak kras-kras zugaztietako adarri gorengoetan miruak dantzari, arkaitz-zuloetako sasi baltz tartean otsoren bat marruaz: ez genduan orduan beste gauzarik ikusi eta entzuten. – Gizondu ziñan gero, eta zure aurrean otsoak bildurrez igesi ioaten ziran; eta erroi, buzoka eta miruak sarri ikusten genduzan goietatik iasten zuk ildako euskal etsaien aragi gordiña iatera. – Euskal-Erriaren kontra etozan bakotxean, zenbat prankotar amaitu zenduzan! Zenbati, aizkorakada baten, kendu zeuntsen arnasea! – Esan daiela Egurraldeko baso zabalak. – An ikusi ziran aurrez aurre, alde batetik ule gorridun gizon andiak, Ausarditsua burutzat ebela, besterik Lauburutarrak. Arnoldo menditarra agintaritzat arturik. – A, zer ekiña! gogorrak dira Rin ibai ondotik datozan gudariak, gogorrak euskal mendietako gizon abarkadunak. Zein geldituko da garailari? – Batzuk gure lurra irabazi eta azpiratuteko gogoak dakarz; besteak, euren erri maite osorik eta lokarri baga gordeteko gurariak darabilz. – A, zer ekiña! A, zer aizkora-otsa! A, zer oiuak! A, zer irrintziak! aurrera, deadar egiten dabe gureak, "aurrera mutillak". – Eta aurrera doaz, aurrera gizon illen gaiñetik. Eurena da garaipena. Zeiñek gelditu leike oñaztarri bat bere bidean?... – Bizirik gelditu diran prankotarrak Adurren ertzeraiño ioan dira igesi. An dagoz euren deseigoa sinistu eziñik. – Euskaldunak olango garaipenik ez dabe ikusi egundaiño, agintariari eskerrak. – Berak bota ditu azpira prankotarrik sendoenak, berak sartu deutse biotzetaraiñoko ikarea, bere deadarrak zolitu dauz euskaldunen besoak. – Aidean dakarre agintari menditarrak beren besoetan, baiña zizpuruz eta negarrez dator, bere bizian lenengoz. Seme galant bi galdu iakoz Egurraldeko basoan... – Ai, Arnoldo, Arnoldo! Agintaria zu ziñan. Nok esango eban orduan zure illoiaren aurrean etxeko emakumeak bakarri izango zenduzala ereslari? – Basaut eta eziñ sinistu neike. Non dira euskaldun gizon andiak? Semeak ill iatzutzan, lagunak ixillik dagoz, arerioak pozarren. Zeure mendiak ez zazauz, Arnoldo. – Baiña bai Zeruak. Euskaldun ona eta kristiñau benetakoa izan zara. Euskaldunak esker gaiztoagaz erantzun deutsue: zeruak betiko zorionean ipiñiko zaitu. – Euskaldun ona baiño kristiñau benetakoa izatea askozaz obea da». Padarrak bere eresiari azkena emon eta bereala, Pedro Marik esan eban beste bat, guztizko samurra, Arnoldoren seme biak Egurraldetik berak ekarri eta kurutze baten azpian ipiñi zituala gomutaratuaz. Illgaua amaitu zan, Arnoldoren arimegaitik egin ziran beste arren batzuk, eta bata batera eta bestea bestera alde egin eben Mendiolako gizon eta emakumeak, banaka-biñaka, naibagez, lotsaz eta errukiz baterik. Goizalderako etxekoak bakarrik gelditu ziran ia: morroiak lotan, aideak noizean beiñ zizpuruka, eta andre Luzia eta alabea negar barrietan, euren bakartadea geroago eta obeto ezagututen ebelako. XIII – BAKARTADEAN Igaro zan udea. Udazkena etorri zan bere aize otz, euri zaparrada eta egun laburrakaz. Zugaztietako orriak, beren ezadea edo ezetasuna galdurik, oritu ziran lenengo, erdi zuritu gero; eta azkenerako iausi ziran, batzuk berekauz berez), euren burua igarri ikusita lotsatu balira legez; eta beste batzuk, oraindiño adarren gaiñean bizi gura ebenak, kendu zituan nai eta-naiez beren tokietatik aizearen indarrak, eroan ebazan bide luzean gora-goraka bildurgarrizko jira-bira neketsuetan, eta bota zituan gero bazterren baten, an, eskutuan amaitu eien euren bizitza zistrin mengela. Eta bazter sokoetan egozan alkarturik orri mueta asko, muna azpietan, ate ostietan, erreka ondoetan; pagodikoak, gaztañerikoak, intxaurdikoak; zumardi, lizardi eta ariztietan iaioak, sasi-larretan bizi izandakoakaz batera. Danak batu zituan arerio batek: aizeak; danak ziran aizearen bildur. Soiñu piska bat entzun orduko ikaraz egozan: guda batetik azpiratuta gero igez egindakoak zirudien. Basoetako zugazti danak, andi eta txiki —piño, arte, eriñotz, kaudan, gorozti eta giñarren batzuk izan ezik— soill-soill eta azur utsetan gelditu ziran; eguzkiari indarra gitxitu iakon; gabak luzatu zituan bere orduak, errekak ugaritu zituen euren urak; eta laiñoak goialdeak artuta gero, mendi egaletatik bera bialtzen zituan zati batzuk, baratz-baratz... Zein damorrigarria egona Sortitza! Zein illuna Mendiolako iaregia! Ez zan iarten iñor Arnoldo zarra ugazabarentzat gordeta euki oi zan sukaldeko aulki zabalean: andre Luziaren irudi agurgarria ez zan iñondik agiri: biak il ziran. Biak? Andre Luzia bere bai? Noiz eta zelan? Goiz batean, bere gelatik urten da, Riktrudis Amarengana egun onak eta laztan bat emoteko usteagaz sartu zanean, illda billatu eban, arpegi gozotsuagaz, Arnoldok eriotzako orduan euki eban kurutzetxoa bere ezpanean gaiñean eukala. Ama Mariaren Iaiotzako eguna zan, Iraillaren zortzigarrengoa; aurreragoko egunean egin eben Ama-alabak autorketa on bat Amandogaz, eta goiz atan Gure Iauna artzeko ustean ziran; baiña Iaungoikoak gura izan eban, askoren ustez, andre Luzia zeruetara eroan, arpegiz arpegi Egillea, eta zeruko Erregiñaren omenean egiten ziran iaialdi ederrak Arnoldo eta semeen ondoan iarririk ikusi eizan. Untza ezin bada bizi, orma zarra iausi zan ezkero, arri azpian, ausitan, zapalduta, eguzki barik, gorutz burua iasoteko zeri eldurik ez eukala! An egoan orma barria, Riktrudis, laguntasuna emoteko gogoagaz; baiña landara zar apurtuak erro barririk botateko indarri ez eukan, eta ill bear! Zugatzen orriak igartzen asi ordurako andre Luzia igartu zan. Eta bera lurretik Zerura ioan zanean, gelditu zan Mendiolan Riktrudis, ainbeste ondasunen iaube, ainbeste morroiren etxeko-andre; baiña bakarrik! Erregiña bat legez zan, baiña erregiñ umezurtza! Baeukan laguntasun on bat Pedro Marigaz, esondari iakintsu bat Amandogaz, baiña gurasorik ez! Auzokoak eta erritarrak erruki eben, bere gurasoen aideak maite; baiña erritarren errukiak negar-gurea emoten eutsan, eta aideen maitetasunak gurasoenak lango eztitasunik ez eukan. Ai! «Aita» etxea bete-beteko izena da, eta «Ama» esaten barriz ao guztia eta anima dana gozo-gozorik geldituten dira. Eta Riktrudisek, aita ill iakon ezkero, etxea utsik billatuten eban; ama ill zanetik aurrera, otza, legorra eta beastunez betea gelditu iakon arimea. An bilatuten zituan, iauregiko bazterretan, Aitaren eta Amaren gomutagarriak: aizkorak, geziak, dardarak, makillak; soiñekoak, oiñetakoak, oiak; goruak, ontziak eta tresnak, baiña gurasoen dei bat egundo aitu eziñ, euren iarri-lekuak beti utsik. Baeban erakida ona, baeukan beste gauza guztien gaiñetiko Iaunaren maitetasuna, Bere gurari donea bete gura eban; baiña, beste iaio garan guztiok legez, biotzaren erdian atsakabe andiak eukazan. Aitarik ez, amarik ez, eta ames bigun bat bere ez! Nora botako zituan bere begiak? Izan zan une bat ames gozoetan orduak ioan iakozana. Ezagutu eban bere biotz guztia beteko eutsan gizon bat, ona, arteza, zintzoa iritxiz: gizon orrek ez zala beragaz, Riktrudisegaz, aztuko esan ei eban; baiña ioan zan erdal errira, erdal errikoa zan eta, eta geiago aren barririk euskaldunen artean ez zan iakiñ. Ikaratu egiñ ete zan Auñemendira geiago etorten, Portunegaz bere burua topoz topo egin ez eian? A! Ez, Adalbaldo ez zan ikarakorra. aztu egin ete zan? «Bai, aztu» ziñuan bertzat Riktrudisek, etxetik urreko zelai batean, gogamen illunakaz, batera eta bestera ebillela. «Zelan ez ba? aiñ gaztea, aiñ ederra, aiñ aberatsa, kondeen eta lenapezpikoen anaia, erregeen laguna, iauregirik apainduenetan bizi dan gizona, zelan gomutau leiteke luzaroan mendiko alaka zirzill bategaz? Eta ni ez naz aztu, ni eziñ aztu neiteke, egun batean bakarrik ikusi neban baiña! A, ze ameslaria izan nazan! Zenbat bidar egin dot ames Adalbaldoagaz ondo izango nintzala; etxadi on bat sortuko genduala bioen artean; gauza on ugariak egingo genduzala biok gure mendian eta prankotarraren errietan; Iesusi zor deutsagun maitetasuna erakusten biziko giñala beti. amesak ziran danak! astiune luza batek erakutsi deust, amesak eta neure arrokeriaren alaba dongeak zirala. Eta alperrik gura dot neure burua zuritu, norbaitek amesetan lagundu deustala gogoratuaz: egia da Amandok esan eustala Adalbaldo guztiz zala egokia niretzat: egia da neure Aitak bere, eriotzako orduan bertan, Adalbaldon izentau eustala niretzako gizakoa legez; baiña zergaitik? Neure zaletasuna ezagutu ebelako, neuri eusten maitetasunak itsutu zitualako. Neuk neukan nik neure barruan Adalbaldoganako maitetasunaren iturburua, ainbeste illabetean egin ditudan amesen iatorri txarra. Ondo egiten dau Adalbaldok nigaz aztutea, nodo egiten dau. Ni baiño obea bear dau beretzat, ni baiño obeak edonun eta errez billatuko ditu; baiña nik baiño geiago gurako leuskionik... ez dakit. Neure bizitza guztian maitetuko dot, Iaunaren iraintasun baga, garbi eta zuzen; beti erregutuko deutsat Aita Zerukoari dukearen onagaitik, eta iñoiz iakiten badot ondo bizi dala, arreba bat bere anaiaren onagaz poztuten dan antzera poztuko naz». – Mendian biziko da mendiko alabea, mendirako iaioa izango da eta, menditik bedeinkatuko dau bere Egille Altsua, menditik emongo deutsaz eskerrak, eta baita kurutzeagaitik bere, zerren kurutzeak eurak arimarako ondasunak diran. Zeruagaz ames egingo dot gaurtik arrerantzean: an daukat aita, an daukat ama; neure anaiak an egongo al dira, an daukat betiko zoriona nire zain. arutz ioan bear dot ausardi andi bategaz, arantza artetik zear, neure bidean al ditudan ondo egite guztiak egiñaz. Nire atarira eskale beartsurik badatore, billatuko dau Mendiolan biotz onagaz emongo iakon ianaria, edaria, iantzia eta itunde ona; aurkituten badot ez-iakiñean eta griña tartean bizi danik iñor, dakidan egi apurra eta Iaunaren agindu donea erakutsiko dautsadaz, eta neure eskuakaz ekarriko dot bide artezetara, al badot beintzat: billatzen badot norbait negarrez eta neketan ezbearren bat egiteko zorian dabillela, neuk esango deutsat zer dan eroapena eta erakida onean bizi izatea. Eta siñistuko dauste neure kondaira esan daiuedanean, eta ekarriko ditut kurutze azpira, eta astuntasunik andienak gogoz eroango ditue zeruko zoriontasunaren penzudan eta gauza guztien gaiñetik maitetuko dabe Iaungoikoa». – Eta maite ete dot gero neuk, gauza guztien gaiñetik? O! Ziur-ziur nago onetan gaur, iñoiz bildur izan nintzan baiña. Egia da Adalbaldo maite dotana, lagun urkoa maite izan bear dan irudira, lagun urkorik onena legez... eta geiago bere bai; egia da zoro-zoro eta bide baga beragaz alkartuteko asmoak euki ditudala; baiña len, oraiñ, gero eta beti, Iaungoikoa lenengo, Iauna Lurbirako ondo izate eta maitetasun guztien aurretik, eta Iaungoikoari zor deutsadan maitetasuna galerazoteko balira lurbirakoak, egundaiño ez agertuteko eran ito eta ondatuko nituke, aterako neuke erraietatik kanpora neure biotza, eta zapalduko neuke neure oñazpian Iauna baiño geiagoan gizonik maitatu baiño lenago. A! Goietan dagon Iaun betikoa maitetasun utsa da, Edertasuna berbera, zoriontasun guztien Iturria, ontasun danen sustrai ederra, alizate neurribagakoaren Iaube bakarra;... eta gizonak barriz, lurtarrak izanik lurrean dabliz arrastaka, eta maitaleenak asperkorrak dira, ederrenak itxusi, zoriontsuenak negarti, onenak oker, eta andienak txiki, urri, ezerez batzuk, Egillearen ondoan ipinten badira. Gauza bat da norberak gurari batzuk eukitea erbeste onetan, aldatz goretarako lagun on bat nai izatea, batari edo besteari lagunik egokiena legez begiratutea, edo norbait etxadikoak legez edo geiago baldin maitetutea; eta beste gauza bat, erbestetik Betiko Errira biotza iasorik, maitatutea gure Aitarik onena, gurtuaz, bedeinkatuaz; Izaterik Done, Artez, Gozo, Bigun eta maitegarriena legez begirunetuaz. – Nire asmoak aurrera eroateko indar gitxi daukadaz, neurez; baiña Iesusek bear ditudan guzitak emongo al deustaz. Eurakaz neure gogoak beteko ditudala uste dot, eta geroko saria irabazteko ondasunak iaditxiko ditudala. – Beste orrenbeste egiten badau Adalbaldok, zeruetan billatuko dogu alkar. – Eta egingo dau; sinistuten dot eta itxaron neike, eta ikusiko dogu batak bestea. – Bealdeetan, uri andien erdian bera, nire uste barik, eta mendian, Adalbaldo beti gogoan dotala, biok izan geintekez Iaunaren seme-alaba onak, eta biok irabazi geinke betiko desnekea». Riktrudis olango gogarteakaz ebillela, inguruko zugazti batetik zelataka eta begira eiokon gizon bat. Portun zan. «A ze zurbill eta galdua dagon! —ziñuan— zenbat argaldu dan, zeiñ illuna deitzodan! baiña zein maitegarria beti! Baleki ni emen begira naiokona, laster igez egingo leuke onetatik, oriñak eiztaria ikusten dabenean legez. Eta neure eskututik urteteko gogo bat badaukat! Berba batzuk esateko gurari bat bai! Ez ete leuskit arpegirik emongo bada? Onaxe begira dakust oraintxe. Ikusten ete nau? Ez, ondo estaldurik nago ni. Ganera, nora begira dagon bere ez daki orrek. Negarrez dago. Ze gogamen ete darabilz buruan...? Iñoren bitartez ibillita ez dot egundo ezer atera, eta neuk egin bear deutsat gaur berba, arpegiz arpegi». Esan eta egiñ, bere zulotik urten eta sartu zan Portun zelaira lenengoan uste baiño ausardi gitxiagogaz. Gizon baten aurrean iarki eta ukabilkada bat edo aizkorakada bat emotea, eta maite dan emakume baten ondoan itz bigun ekarkorrak esatea, ez dira bardiñak: baterako indar eta gaikera andiak eukazan Portunek, besterako ez zan gauza. Gaiñera, zenbat eta sakonagoak diran biotzaren gurariak, ainbat eta estuago izaten oi da bat gura dan gisara eurak agertuteko. Ez da iakiten nundik asi eta zelan amaitu. Ori gertau iakon Portuni bere. Riktrudisek barriz, bere aldetik ez eban bapere mugidalderik erakutsi. Ozinbeltzkoak egoan zulotik urtetean atara eban abarrotsa eta ostikopean zapalduten zituan orri igarren kirri-karrea belarrietara eldu iakozanean, begirada batean ikusi eban Portun; baiña biotzak ez eutsan taupada bat emon Riktrudisi. —Egun on —esan eban gizonak, dana kokoloturik. —Egun on —erantzun eban emakumeak—. Zer darabilzu emetik? —Zeu ikusteko gogoak bakarrik ekarri nau. —Ikusi nazu, bada, eta amaitu dozu zeure arloa. —Baiña zer edo zer berba egiteko gogoa bere badaukat. —Ori bere egon dozu, eta zeure zeregiñak amaitu dozuz emen. Agur. —Orixe da iarduna ebateko artaziak daukazuzana. Ez egizu aiñ laster igesik egiñ. Gelditu zaite piska baten. Erantzun egidaz. Aserre zara, Riktrudis? —Iñogaz bere ez naz ni aserre —erantzun eban, etxeruntz artu eban bideari itxi barik. Portun zelaiaren erdian gelditu zan, ez atzera eta ez aurrera, igesik ioianari begira... —Errukarria ni, eta errukarria ori bere —zirautsan bere buruari Riktrudisek, ia etxera sartu zanean. XIV – POST NUBILA Ordekatik zelaia) etxera ioan eta ordu bete inguru geroago, leio baten ukalondoak ipiñita, kanpora, marboill alderantz begira egoala, Riktrudisek Mendilako bidetik zear etorrela eliz-gizon bat ikusi eban. «Ai, ene! Amando da», esanaz, iatzi zan aida batean atarira, apezpiko iaunari arrera on bat egiteko ustean. —Zer dakarzu, iauna —itandu eutsan— alde onetara? —Barri onak zuretzat —erantzun eban Amandok. —Niretzat barri onak, iauna? Nongoak gero? —Or, bealdetik, bart arratsean agertu iatan prankotar gizon bat, albiste batzuk ekarriaz eta beste batzuen eske. —Riktrudis dardaraka asi zan, eta sukalde bazterretara begira iñor inguruan ete egoan ikusi nairik. —Sartu zaite, iauna, barrura —agertu eutsan— eta iarri zaite aulki batean, nekatua egongo zara eta. —Ez nago nekatua. Orrez gaiñera, zuganakoa egiñ ondorean, emen urreko etxadi batera ioan bear dot, beste arazo batzuk badaukadaz eta. Baiña ez zaite ikaratu, emakumea. Ez deutsut bada esan albiste onak dirala? —Zertzuk edo zeiñenak, iauna? —Ez diñotsu ezer zeure biotzak? —Nire biotza illunpetan eta gaixorik euki dot aspaldian, eta gaixo erre zitalen antzera, doillorkeriak esan izan deustaz luzaroetan. Mututurik egon izan balitz obeto neukean. Gaur, atan bere, sartu iat bere gelaraiño argi-erraiñu bigun bat, ikusi eragin deutsadaz biotzari gauzak direan legez, eta asi iat zerbait esaten bear dan eran. —Osatuko iatzu beraz? —Osatuteko bidean iarri dot beiñik beiñ. —Eta argi-erraiñu osagarri ori nondik etorri iatzu? —Argi guztien iatorritik, iauna: Zerutik etorriko iatan. —Zelan baiña? —Ni zeiñ nazan eta... besteren bat zeiñ dan adierazoten emonaz, biotzaren asete eta betekada osoa non dagoan erakutsiaz, Iaungoikoaren gurari donea ondo egiteko arimea indartuaz, maite ditudan guztiak zeruan aurkituko ditudala gomutaraziaz. —Erakidara zagoz, ikusten danez. Lurrean ez dozu geiago ezer opa? —Bai, iauna, erakidara nago: lau edo bost eguneko orduak edozetara igaro leitekez, eta ondo igaro, geroko itxaropena badaukagu. Eta alan bere, egia esan bear badeutsat, bet oi dotan legez, Zeruak neure guraria bete nai baleuskit, Iaunaren aserrerako eta nire arimearen kalterako ez bada, gauza bat opa dot... —Ez esan geiago, badakit zer dan eta. Iaungoikoak zeure naigurea bete gura deutsu, Riktrudis. Zeruak zure doskañia ikusi dau, eta Abraanen lenagoetan saritu eban legez, erbeste onetan bertan saritu gura deutsu. Adalbaldoren albisteakaz naiatorzu. Gogoan zaukaz, eta maite zaitu. —O Iauna, Iaun zerukoa! Zeiñ ona eta errukiorra zaran! Eta nik, bear bada, ez dot Zugan naiko ustakida izan, eta Adalbaldogaz bere ez. Zer diño berak, iauna? —Nire etxean izan eta laster bere erregegana ioan bear izan ebala diño, eta an egon dala bere aginduak egiten eta zugaz egundo aztu barik. Zure gurasoak ill zirala badaki; zu zetan zagozan iakin nai leuke. —Zeiñek esan deutsa nire gurasoak ill zirala? —Neuk. Beiñ baiño geiagotan emengo albisteak bialdu deutsadaz. —Bada orduan ni zetan nagoan bere esango zeuntsan. —Baita, baiña gaur ori ez da naikoa: zeuk esan bear deustazu garbiro Adalbaldogaz izateko oartasun, zedal edo naiezik ete daukazun edo ez. Riktrudis nora begiratu ez ekiala egoan, ikaraz, oso artega, urduritua, nabarmena, lotatik datorrenean eguzkiak gorritzen dituan odeiak baiño gorriago. Eguzkiaren argi eta berotasun guztia etorkon bere arimara. —Niri, iauna, ezdeust berak egundo olango gauzarik esan —erantzun eban, dana moteldurik. —Neuk diñotsut oraintxe bere izenean. —Berak itauntzen dau ori? —Berak. Zer erantzungo deutsat? —Iesus Maria! Auxe da!... Zeuk ez dakizu bada? —Bai, baiña zeure aotik nai neuke entzun gaur, billosnarru mee baten ipiñi daidan zer erantzun deustazun. —Ara bada, nik ez daukat nai ezik baiña... —Zer? Baiñakaz zatoz orain? —Itxi eidazu, bada, amaitu artean, iauna. Nik ez daukat nai ezik, baiña berak... —Berak bere ez, itxureak diñonez beintzat. —Eta damututen baiako gero? —Eta zeuri damututen baiatzu? —Niri ez iauna, orixe ez! —Berari bere ez. —Zeiñek daki? —Neuk dakit. —Bein baizen ez nua ikusi eta. —Zeuk zenbat aldiz ikusi dozu bera?... —Bada orduan, zeuri ondo badeitzazu... esan zeinkio... —Zer? —Nik ez daukadala ezetzik. Arpegi gozotsuagaz esan zituan ona arteko berbak Amando iaunak, baiña Riktrudisek azkenengoak amaitu ebazanean, kendu eban apezpiko doneak bere ezpanetako barrea, iatzi eta batu zituan bepuruak, illundu eban piska bat bekokia, eta guraso batek bere alaba on bati legez, asi iakon esaten Riktrudisi: —Ez dogu amaitu ondiño, enetxoa. Gauza bat egin baizen lenago zerzelidade guztiai ondo begiratu bear iakue, eta baietza emon ordurako, berak dakarzan astuntasun eta ibilbide guztiak ikusi eikezuz, begitanduer edo irudipenen atzetik itsu itsuan iarraitu barik. Adalbaldo ezingo da bizi Euskal-Errian, noizean bein eta ereti batzuetan ez bada, zerren Dagobertoren mendekoa dan, eta bere aginduak bete bearko dituan prankotarren artean. Zu barriz, mendian iaiorikoa zara eta mendian daukazuz zeure sustraiak, asaba eta gurasoen etxea, zeure ondasunak eta zeure biotza. Izango dozu naikoa gogo eta indar zeure senarragaz Euskal-Erritik kanpoan bizi izateko ill osoetan, urte luzeetan, beti bear bada? Gogamendu egizu gauza ori ondo, baietza emon baiño lenagotik. —Gogamendurik daukat, iauna. Maite dot neure mendia: tokirik ederrena deritxot, eta beragaitik, beste Lurbira guztikoak salduko nituke. emengo arri bat beste errietako iauregi bat aiña badala uste dot, bertan daukadaz neure gomutak, bertan neure guraso eta anaien azurrak. Ez dot nik Euskal-Errira alde batera itxiko egundaiño. Naroian tokira naroiala patuak edo Iaungoikoak, euskalduna eroango nau, euskalduna biziko naz toki guztietan. Neugaz ioango dira erririk erri Euskal-Erria, bere izkerea eta bere ekanduak; euskerea erakutsiko dot non-nai, neure erritarren lege zarra adierazoko dot, al dotan giñoan. Nire gomutea, nire adimena, nire biotza, nire izakerea, euskaldunarenak izango dira beti; eta edozeiñ lekutik, nire begiradarik gozoena neure mendientzat izango da, eta nire arrenik bero, sutsu eta onena euskaldunentzat eta euskeraz egiña. Euskaldun izakerearen zabaltzaillea izan gura neuke nabillen tokian nabillela. Zergaitik, aiñ onak bagara, zergaitik zabaldu ez geure ontasuna? Ez diñogu, eta egiaz, erbestekoak euren ekandu txarrak gugana dakarrezala? Zergaitik, bada, guk, areen ekanduentzat muga gogor bat ipinteari emen iarraituaz, ez doguz gureak erbestean zabalduko, ereti ona dogunean? Norabaitera ioan bear dabenean, zergaitik euskaldun Lurraren alderdi guztietan, kristiñauak kristiñau izan bear daben gisara? Zergaitik gure arraza menditarra besteak baiño geiagokoa eta obea dala ulertarazo ez? Euskal-Errirako txarra al da, gure euskalduntasuna galdu barik, gure ekanduak erbestekoan aurrean erakustea? Kristiñau batek besteak kristiñaututea ez al da ondo? Noiztik onara da gauza on guztiak gordeta eukitea egitekorik onena? «Euskalduna nazan aldetik euskaldundu, kristiñaua nazan aldetik kristiñautu»: ori da nire oinkada eta ibillera guztietarako daukatan azalki eta gogo errimea. Arima barruan gorderik gurari andi bi ditut: Mendiolara natorrenetan, euskaldunakgaitik egingo ditudan lan guztien sarigarritzat, menditarren aldetik arrera on bat aurkitutea: Iaun zerukoak Beregana deituten deustanean, fede eta lagun urkoaren alde Lurrean erabilli ditudan arazo eta lanbide guztiakgaitik, zeru ederretan abegi on bat izatea. —Ondo diñozu, Riktrudis —dirautsa apezpikuak—, ondo diñozu eta zu ondo zoaz. A! euskaldun guztiak bide orretatik iarraituko balebe! Zure erriari zor deutsazun maitetasuna lagun urkoari zor deutsazunagaz alkartu nai dozu, eta guztiz ondo gura dozu. Bakotxak bere erriari izan bear deutsan maitetasuna era bitakoa dala deitxot nik. Norbere buruarentzat daukagun maitetasun itsu, arro eta okerretik dator bata: gure biotzean berez, txiki-txikitatik, zelan ez dakigula sortu oi da; asten da geugaz batera, guztiz neurribarik, eta ez dau gure biotzetan beste maitetasunentzat tokirik izten. Dana bear dau beretzat: bereari bakarrik deitzo andia, ona, zindoa, zuzena, ederra eta egiazkoa: besteen gauza guztiak, erkiñ, makal, zirzill, motel, txiro, doillor eta guzurrezkoak iruditen iakoz; eta zenbat eta norberagandik urriñagokoak, ainbat eta erkiñ, makal, zirzill, motel, txiro, doillor eta guzurrezkoaagoak. Norberarena izan ezik, etxekoen gauzea izango da zelanbaitekoa, edo norbere erritarrena geienez; baiña erritik kanpora urruiñgarria ez dan gauzarik ez dago. Eta ortik etorri oi dira ikusi-eziñak, gorrotoak, itsumenak, Iaunaren legea austeak, lagun urkoaren kalteak eta arima askoren ondamendiak. bigarre erako erri maitetasuna ez da olangoa, zerren daukan Iaunaren anaitasunezko lege biguna bere zuzentzaille eta artizartzat. Norbere gauzeari obeto gura izan arren, urrena dalako, obeto ezagututen dogulako, edo biotzak alan aginduten deuskulako, geiegikeriak kenduten deutsaz biotzari eta adimenari itsutasunak, besteen egokitasun eta doiañak ezagutu eta autortzen ditu, ez dau iñor urruindutren, eta Iaungoikoaren izenean edozeiñ maitetuten dau. Zuk olan gura deutsazu Euskal-Erriari: erri guztien gaiñetik dozu maite, zeurea dalako eta erririk onenentzat daukazulako. Maite eikezu aurrerantzean bere, amitegarria da eta; baiña emoizu edonun bakotxari berea... Eta ez diñotsut geiago. Agur. Iakingo dau Adalbaldok zuk esan deustazuna. —Agur, Amando iauna. Iaungoikoak lagun daizula, eta esker milla. —Iaungoikoari. XV – BARREAK ETA NEGARRAK Auñemendi guztia sutan dago, gorrotozko sutan. Erri guztiak bekaizturik aurkituten dira. Kurrukarako deadarrik galgarrienak urteten dabe euskaldun askoren bularretatik. Egiteko entzungarri bat egin bear zan. Zer gertaten da? Egundaiño entzun eztan gisako iazoerea. Euskaldun agintari baten alabea, alaba bakarra, aberatsa, argia eta ederra, bere aide eta ogipeko batzukaz, prankotar bategaz ezkonduteko asmoan erbestera ioan da. Aide gitxi eruan ditu Mendiolako alabeak, zerren senitartekorik geienai txarto iruditu iakuen Riktrudisen labankeria. Gora-goraka dabilz Auñemendin gizon eta emakumeak, zar eta gazte, andi eta txiki, aberats eta lander, kristiñau eta fedebagakoak: Riktrudisegaitik eta bere laguntzaille guztiakgaitik, arao, birao eta zakarkeririk zatarrenak esaten ditue. Etxakuen itxi bear geiago Euskal-Errian sartzen: bizi eitezala Erdalerrian beti, euren gogoz erdaldunakaz bat egitera ioan ziran ezkero. Euskaldun agintari guztiak uste onetan egozan. Ubero zarrak berak, lagunen batzuk iritze eske oe aurrera ioan iakozenean (bada aspaldietan oian bizi zan) ez eitzola ondo Riktrudisen egitadeari agertu eutsen, Euskal-Errian mutill onak bat eta bi baiño geiago bazirala eta. Ozinbelzkoak erririk erri ebiltzan danak, menditar guztiak asko eta geiago berotu nairik. Prankotar biurri malzurrakaz ekiñaldi gogor bat egin bear zan, erakuste barri barri bat emon bear iakuen: ez eiela uste izan onean onean ibillita, euskaldunai egiñiko deztaiña eta bidebagaleroal azti eta geldituko ziranik. Aztu? Lenago urtuko ziran atx eta lur guztiak menditarrai egindako iraiñak aztu baiño. Batez bere Portunek Aitz-barrenen arturikoa. Eta emen egoan eskergaari arrigarriena, Ozinbelzkoen ustez. Portunegaz burruka ibilli zan gizonagaz beragaz ezkonduten zan Riktrudis! O! Dxartadarik andiena Otxoatarrai arpegi-arpegian emotea zan ori. Orrek ezin eikean parkamenik euki, eta ez eban eukiko. Lurbira guztian iakin eragin bear zan, Otxoatarrak... euskaldunak nortzuk ziran. Prankotarren kontra guda gogorra, eten bagea, betikoa, asteko ordu eta garaia etorri zan. – Nik esan nituan gauzak urten dabe argitara, —zirautsan Portunek etxerik etxe—. Arnoldo salduta egoan eta bere Sorterria saltzeko prest, eriotzea etorri iakonean. Bakotxari berea emon bear iako, eta nik ezagututen dot gaztetan Errizalea izan zala; baiña zartzara, bere alabeagaz txotxinduta, Riktrudis andi ikusteagaitik, errege-usaiñekoakaz ibilteagaitik, eta eliz-gizon arrotzaren esandeak entzunda, edozetara iarri zan. Eta Aita eta Ama ill arren, Riktrudis petralak ez dau gero aztu gurasoen erakutsia, eta ekarri deutsa orain Euskal-Erriari izugarrizko lotsaria eta kaltea. Mendiola eta bere lurrak prankotarrenak izango dira gaurtik aurrera, gure etxean geuri agitzera sartuko iakuz arrotzak, ekarriko deuskuez euren oitura gaiztoak, eta agur gu eta gure gauzak, al dogunak al doguna egiten ez badogu. Aitarren-seme altza bear gara danok, agiñak erakutsi bear deutsaguz arrotzari, ez dau emen erbestekok oiñik ipiñi bear». Egia ziñoan Portunek, Auñemenditarren iritxiz. Mendiolakoak ondamendira eroien Euskal-Erria. Arnoldo salduta egongo zan, eta orregaitik prankotarrakaz gudarik ez eban gura izan: Riktrudisek barriz lotsagarrizko gauzea egin eban eta etxakon geiago Euskal-Errian sartzen itxi bear. Eta Amandori? Amando bere, gizon ona zan baiña, erbestekoa zan eta... Armandoren kontra ez ziran ainbeste azartuten euskaldun kristiñauak, fede gaiztokoak bai; baiña Riktrudisen kontra danak ao batetik itz egiten eben. – Egundo olangorik! —entzuten zan edonun— Riktrudis orrek esne epela zirudian baiña, berotu zan esnea, eta irakiñ eta gaiñez egin bere bai Erriaganako maitetasunaren su-garra amatau arteraiño. Ainbat gaiztoago beretzat. Bere izena lurrun artean ostendu da, eta erre eta ondaturiko gauza bat dirudi». Mendiolakoagaitik nok aterako eban arpegia? Ez egoan Auñemendin orretarako ausardirik eukan gizonik. Bat bakarra izan zan, Padar Koblakaria. Eliza aurreko enparantzan, gizon aserre askoren erdian, asi zan Peru, Arnoldoren egitada andiak esaten, eta bere alaba kutunaren ontasun barru-barrukoak erakutsi nairik; baiña koblakari zarrak bere gaiñean izan zituan egurrak: batak io, besteak bultza, orkoak lurrera bota eta angoak zapaldu eta makillatu, ill eben Peru gizagaoxia, salkindarien lagun oker oskill bat zala eta. Gizon zarra ilteko asmogaz ez eiakozan lenengoan asi; baiña Ozinbelzko morroi baten makilkadeak illda itxi eban beintzat, eta zamaldako gizon guztien artean ez eutsan iñok itzalilleari oratu. Kontrara: Koblakaria illda egoala ikusi ebenean, ondo egin iako, —ziñuen danak— berea da errua, barritxu zitala ez izatea biaño ez eukan». Ez zan, bada, Auñemendin Mendilakoaren aldeko gizonik geratu; ez zan bat, ango euskaldun guztien artean, gauzak zelan ziran ikusi eta astertuteko beregandedunik; erruki pixka bat gelditu iakonik ez egoan iñor: dana zan aserrea, gorrotoa, kurruka eta zitalkeria. Irakurlea: iatzi gaitezan Auñemenditik bera, itxi daiguzan emengo negargarrikeriak, eta Ostrabento alderaiño goazen gu. An daukez Adalbaldoren etxadikoak aberastasun ugariak; bere aide batzuk eta ogipeko geienakaz Riktrudis ara ioan da, an Amando apezpikuak prankotar dukea eta Mendiolako alabea bedeinkatu ditu gogoz eta poz-pozik, beti alkarrenak izan daitezen. Nok esan ondo gazte bein biotzeko atsegintasuna? Bata besteaganako iaiorikoak izanda, uste-uste barik billatu eben batak bestea; ezagutu ordurako maitetu ziran biak; ainbeste illebeteko bitartean ez eben ikusi alkar; ikaraz egon ziran biak geiago lurrean ikusiko ete ziran bildurrez; negar andiak egin zituan euskaldunak bere iauregiko bakartadean prankotar ederra iñoiz ostera aurkituko ez ebalakoan; prankotarrak bere aldetik ikara gogorrak igaro zituan Euskal-Erriko aingerua beste norbaitek eroango eutsalakoan, eta orain, eragozketa guztiak kendurik, bata bestearen besoetara etorri ziran, alkarganatu ziran biak beti-betiko. Ezteguetarako batu ziranak bere aukeraz eta pozarren egozan. Ostrabentokoak tint ondo eritxoen euskaldunari, bada Riktrudisek, bere bakunde eta tolesgabetasunagaz prankotarren biotzak irabazi zituan, eta bere dertasun, egokiera eta emaguri zintzoagaz guztien erregiña on bat zirudian. Euskaldunak barriz, ikusi ebenean Adalbaldo eta bere aideen Iaungoikotasun benetakoa, Riktrudis esku onetan iausten zala ziñuen, eta ez zala izango errez Euskal-Errian bertan, beste alango gizon bat billatutea. «Balekie gure aldean —zirautsen— Adalbaldoren etxadia zelangoa dan, ezleuke gorrotauko iñok gaur legez; zerren gu, Auñemendikuok, buru gogorrekoak izan geinkez, baiña biotz gogorrekoak ez gara». Ostrabenton egozanak Auñemendin zer igaroten zan ez ekien asko. eurak etxetik urten ebenerako sosmau eben zerbait maitasunezkoa ez zana, trumoi egunetan marboillean ikusten dan odei matasa baten antzera; baiña trumoia laster igaroko zala uste izan eben. Euskal-Errira biurtuta lenengo egunetan, bada Euskal-Errira ioateko ustetan egozan, betozko illunen batzuk, erremuskadaren batzuk, ezin ikusiren batzuk izango ziran: baiña Adalbaldoren zuzentasun ezagutu eienean euskaldunak, prankotar gizon andia menditarren aldekoa eta euren lege eta ekanduzalea zala ulertu eienean, Mendiolako ateak menditarrentzat len legez zabalik egozala ikusitakoan, pixkaka-pixkaka etorriko ziran Mendiolara ienteak, eta euren adiskide on eta laguntzaille gogorrenetakoa legez begiratua izango da erbesteko dukea. Ikusi daiela gureak Adalbaldo eurakaz batera, zeiñ eta zelangoa dan iakin daiela ondo, ezagutu daiuela bere biotz artez eta samurra, eta euskaldun guztiak adiskidetzat euki izango darue, Amando adiskidetzat dauken senean. Urriñetik txartzat euki izan dana, gure ondoan ikusita gero, askotan maitatu izan oi dogu. Onetan egozan Ostranbentora baturiko euskaldun eztegulariak, ia etxerako bideak artzeko asmoetan, eurak egozan mandiotaraiño eldu zanean, atz eta putz eta bero eta lurruntsua, gorputz guztitik izerdia eriola, bero andirik ez egoan baiña, menditar gizakote narras baldan bat. —Iesus! Aitearen, Semearen... —esan eban Riktrudisek—. Zer dakark, Lope, euk onaiño? —Zer ekarriko dot, andrea... —Ezteguko ondokiñak iatera dator ori —ziñoan Pedro Marik gizategiko atetik, barrez eta algaraz. Emon eutsen barreari etxeko guztiak, bada gure Lope bene-benetan egoan barregarria. Alango gizon trauskillik! Abarka urratuetatik beatz lodi biak agirian ekarzan, txaberama andi biren buruak legez, bernetako soka eta oialak bebera iausita, berna-sorki batzuek itxureagaz; ia gerriraiño basaz beterikako soiñeko dindirriduna; lepotik bera lenago ikusi geuntzan narruzko zorroa; esku batean makilla bat eta bestean edan-ontzi ez-txikia; eta arpegi zabal biribilla sagarrik gorriena baiño gorriagoa. —Barre egiten dabe baiña ezdakart nik barre eragiteko albisterik, esan eban. —Zer dakark bada? —Gauza onik ez. —Esaik bada zer dan. —Zer izango da, nire etxekoandreak ez daukala gaur Mendiolan ez etxerik, ez abererik, ez solorik eta ez basorik. —Zer diñozu, gizona? —Mendiolako morroiak etxetik kanpora atara gaituela diñot, an ez dabela Riktrudisek aginduten eta. —Zeiñek aginduko dau bada? —Zeiñek ez dakit ondo: Auñemendik, Erriak, euskaldunak edo ez dakit nik zeiñek. —Edanda zagoz zu. —Ez dot ondiño nai beste eta gitxiago be edan, gura baizen lenago amaiktu iatan edaria eta. Barre guztiak iges egin eben gizategitik. Egia zan: barre egiteko albistarik ez ekarren Lopek. —Zeiñek atera zaitute etxetik? —itandu eutsen danak. —Ozinbelzko Portunek. —Portunek? Zergaitik baiña? Zer dala eta? —Gure etxeko andrea erbestekoagaz ezkondu dalako: Euskal-Erriko lurrak eta ondasunak prankotarrenak eziñ izan leikezala eta. —Eta gu errira goazenean, non sartutea gura dau bada? —Errira ioan? Ez eizue errira ioaterik gogamendu, ez deutsue itxiko eta. —Itxi ez ostera? Zein eta gero Portun gure errian eta etxean sartzen galerazoteko? —Euskaldunen nagusi edo andienetakoa beintza ei da. —Ez dago esku txarretan Erria! Baiña ez da bera bakarrik agintari: Euskal mendian badira beste batzuk Portun baiño andiagoak, eta ikusiko dogu. —Portunen esanera iarri ei dira beste agintari guztiak bere. —Eta egiaren alde deadar egingo dabenik ez dago iñor? Gugaitik ez dau batek bere arpegirik aterako? —Zeiñek gero? Bat asi ei zan zeuen onagaitik zer edo zer esaten, baiña emon ei eutsen berea. —Zein zan bera? —Padarra. —Zer egin deutse? —Ill. —Ill?... —Bai. Lurpean sartu eben beintzat eta... Danak gelditu ziran batak besteari begira zer esan ez ekiela. —Uste genduan baiño astunago dator ekaitza —esaeban azkenean Riktrudisek—. Ez zan egun bi edo iruko trumoia guk erritik urteeran ikusi genduana, negu baltz luzearen asierea zan, bada negua bere gogortada guztiakaz iausi da Mendiola eta Euskal-Erri guztiaren gaiñean. Eta bear bada neure erruz, neure... —Zagoz ixillik, Riktrudis —esan eutsan Amandok— Portunek daukan aserrearen zarraparrada bat da guztia, eta ezin leiteke izan iraunkorra. —Zarraparrada ori izango da naikua, Amando iauna, euskal lurrean ainbeste bidar ereinda dagon gorrotoaren asia erneteko. —Baiña neuk, Iaungoikoaren lagunatsunagaz, erne ala aterako dot. Aruntz noa gaur bertatik, billatuko ditut biotz oneko gizon guztiak, danai berba egingo deutset, eta gauzak zerbait ondutea itxaron neike, Fedegaiztoko gizon kurrukari baten iritzi eta gogoari ezin leiueke iarraitu euskaldun kristiñauak, eta ez deutse iarraituko. —Bildur izateko da gero, iauna, orain Auñemendira ioatea: ez dakizula gertau Padar gizagaisoarena. —Ainbat obeto niretzat, olan balitz. —Neuk lagunduko neuskizu pozik, Adalbaldo gura izan ezkero —diño andre gazteak. —Ez, zuk ez, eta beste iñok bere ez: neu bakarrik ioan bear dot lenengo: bideak egindakoan besteok. Ez deitxozu, Adalbaldo? —Bai, iauna. Bideak egitera neu ioango nitzateke; baiña indarrean, gogorrean, guda soiñuan ioan bearko neuke, eta ori ez dot nai. Ez dot gura geiago gorrotorako apukorik ipiñi. Bakezalea naz, badakizu zeuk, eta bakean nai neuke ioan Euskal-Errira, anaien artean legez, ezpanetan irri-barrea eta biotzean poztasun andi bat ditudala. Orretarako eguna ainbat lasterren etorriko al da. Zu eta ni, Riktrudis —iarraitu eban andreari begira— ementxi biziko gara bitartean, ekarri dituzun aide eta etxadikoakaz batera, Iaunaren legea gordeaz eta gorde eragiñaz, arrenetan beti Amandok, itxaroten daben legez, arimen irabazia izan daien. Zu ondo izango zarala uste dot: euskaldunak ementxe daukazuz, zeure lenagoko morroiak bere bai, ondasunak ugari ditugu, maite gara: zer geiago guraritu geinke lurrean? Beste zerbait opa badozu, esaidazu, Riktrudis, eta laster beteko iatzu zeure gogoa. —Eskerrik asko, Adalbaldo. Geiegizkoa zara niretzat, eta zugaz ondo ez izateko bildurrik ez daukat; baiña neuretarrak zeuri ez ondo begiratuteak min emoten deust. —Eta zer egingo deutsazu? gurea al da errua? Errua gurea balitz, orduan izango litzateke gauza mingarria, baiña ez dan ezkero ez daukagu zergaitik miñik artu. Guk egin daigun alegiña euren gogamen okerra kentzeko. Eta oraintxe bat-batera otuten iat gauza bat, zuri txarto ez badeitsazu, egin geinkeana. —Zer da bera? —Zure Auñemendiko ondasun guztiak Euskal-Erriko landerrentzat istea, neureakaz naikoa eta geiegi daukagu eta. Orretara ikusiko dabe zure erritarrak zure ondasunen billa ez nazala ibilli, orretara ezagutuko dabe Euskal-Erriko agintaritzien zale ez nazala. Zer diñostazu, Riktrudis? Zer diñozu, Amando iauna? —Gogamen ori ederrenetakoa dala, eta asko eta asko lagunduko deustala euskaldunen biotzak zuen maitetasunera ekartzen —erantzun eban apezpikoak. —Beste ondasun guztiak emoteagaz —esan eban Riktrudisek— ez dot bapere nekerik artzen, baiña neure gurasoen iauregia, neure iaiotetxea... Nun sartuko gara geu euskal mendira goazenean? —Edonun, Amando bizi dan etxean bertan, edozeiñ euskaldunek emongo leuskigun ostatuan; baiña ez badeitsazu, itxi; zeure guraria egitea baiño besterik ez dot nai. —Ez neban uste neure gaizakana aiñ lotua nengoanik. Asko deitzot, Adalbaldo, guztiz asko; baiña zeure gogamena izan dalako eta Amandori ondo deitzon ezkero, neure etxea bere bai, dana landerrentzat izan dedilla. Ez dau Iaungoikoak aztuko nik oraiñ egiten dotan doskaiñ andia. XVI – AMANDOREN LANA Esan eta egin, Amandok artu eban bereala Euskal-Errirako bidea, eta Iaungoikoaganako zelan arimak irabaziko zituan gogartetuaz, eta len fede bagatasunaren illunpetik Ebanjelioko argira aterariko euskaldunak zelan indartuko zituan gogoratuaz, Ama Mariari, Done Pedro eta Paulo, eta beste Iesusen lege zabaltzailleai arrenetan eta arrenetan, eldu zan Auñemendiraiño. Bidean etorrela, aserre eta zer-esan andiak idoro zituan prankotarren artean euskaldunen kontra. Au eta ori egin ebela, bata io eta bestea zuzitu, orkoa zematu eta angoa ill, bataren gauzak erre eta bestearenak ausi eta birrindu. Neurriak artu bearko zirala basotar lotsabageen kontra, gogorrean asteko ordua zala, agintariak mendiak kiskaltzen asteko erregek zer esango eban zain egozala, norbaitzuk zerbait izan ebela euskaldun gudalariren batzukaz. Olango gauzak entzun zituan; baiña nun, nok eta zelan gauza garbirik ez. Lenengo euskaldunak prankotarren lurreko mugetan billatu zituan, azkon eta beskonakaz, Auñemendiko iagole edo zaintzaille legez. Ez eutsen abegi onik egin, baiña txarrik bere ez. Arpegirik ez emotea zan guztia: apezpikua alde batetik ikusi ebenean, beste aldetik iges egitea, agurrik egin barik. – Ba! Ori baiño geiago ez bada —ziñoan bere artean Amandok— toki egingo dot nik Euskal-Errian. Arpegi emongo deusten lekuetan sartuko naz, ioango naz adiskidien etxetara, eta ez ete al nabe danetatik kanpora aterako. Lenengo beintzat Uberogana ioan bear dot, eta an iakingo ditut barri guztiak garbiro». Eta uste onegaz, Larrasorotik, Iñalatzatik, Basaburutik, Burruntsaliniatik zear Ezpeletara sartu zan. Uberoren etxeko ate ondoan oles eginda lastger, mutill gazte eder batek millatsu gaiñera urten eutsan. Uberoren semea zan. —Egun on,Gaixpar —esan eban Armandok. —Egun on —erantzun eban besteak. —Zelan gara? —Bagabilz. —Eta aita? —Aita emen daukagu. Geiagoko barik barrura eioazan artean. «Um —gogamendu eban Amandok— legorra eta illuntxoa dago Gaixpar: bestetan lango arrera onik emen bere ez daukat: ekaitzaren ondorenak izango dira: ikusiko dogu zarrak zer diñoan». Uberoren aurrera eldu zanean, Amando, iarri baiño lenago, betiko arpegikera gozotxuagaz asi iakon izketan: —Zelan zagoz, adiskidea? —Alan alan. Txarrerakorik ez daukagu eta. —Iagita zagoz beintzat, eta ni azkenengo emen izan nintzanetik ona, zer edo zer irabazi egingo zenduan. —Iagita nabill baiña belaunetan indarrik ezin egin iat eta besoetan bere ez. Ost-ostean ioan nintzan igandean elizaraiño. —Elizaraiño bai? Asko egin zara orduan. —Asko bai obe. Zerbait, iauna, zerbait bakarrik. Asko eginda egon banintz, ez ninduan etxean billatuko. Gazteak onetan, albo batean iarrita egoan tokitik, zelatazko begiakaz begiratu eutsan apezpikuari. —Zergaitik ez ba? —itandu eban onek. —Zerren euskaldunak etxeqan egoteko garaian ez gagozan. Ez al dozu zeuk ezer entzun? —Gauza asko ez nik. —Ez zenduan entzungo. Oraintxe gogoratuten naz. Zu gure Erritik kanpoetan ibilli zara zeregintxu batzukaz, eta bidezkoa izango zara gaur emen. —Bidezkoa naz. Ez dakit ezer garbiro eta iakiteko ustean nator zugana. Zer darabilzue? —Zer erabilliko dogu? Gudarako asmoa eta gogoa. —Gudarako asmoa eta gogoa? Zergaitik baiña? —Zergaitik, zergaitik. Euskal-Erriko Lorea eroan deuskuelako. —Eta zuk badakizu eroan deutsuen edo bere gurariz ioan dan? —Dana dala. Beti da txarto Sorterritik kanpora arerioakana ioatea. —Zertara ioaten dan. Sorterriarentzat lagunak egitera ioaten bada ez beintzat. —Ezin geinke guk prankotarren artean lagunik euki. —Orretan zagoz zu bere? Benetan diñoztazu? —Orretan nago, eta bene-benetan esaten dot. —Bada nik lagunak kristiñau guztien artean euki bear ditugula diñotsut, eta zenbat geiago eta zenbat lagunago obeto dala. Neu ioan naz Euskal-Erriko Loreagaz Ostrabentora, neuk bedeinkatu dot bere eta Adalbaldoren alkartuerea, eta ondo egin dodala eta nago. —Ez egizu ori esan, iauna, edozeiñ euskaldunen aurrean, danak dakie baiña. —Edozeiñen aurrean esan nekieala uste dot, eta edonori ondo irudituko iakolakoan, gizon zuzena bada. entzuidazu esan bear deutsudana lenengo, eta zeure biotzqk emongo deustan epaiaren zain geldituko natxatzu. Riktrudis eta Adalbaldo uste-uste barik neure etxean ezagutu ziran, bereala alkar maitetu eben, eta arrezkero euren biotzak alkarren billa ebiltzan. Onak ziran biak, bata bestearentzat gisakoak, eta biak euken gurasoen baimena. Zer egingo zenduke zeuk olango gazte on bigaz, edo lagundu ainbat lasterren euren guraria bete eien; edo itxi, biak illuntasunean bizi eitezen; edo Iaungoikoak erakutsi eutsen bidetik atera, ondamendiko zorian gelditu eitezen arima eder biak? Ez deustazu erantzuten; baiña olango gazteai zer egingo zeunskioen badakit: lagundu al dozun indar guztiakaz, eta neuk bere orixe egin dot: lagundu al izan dotan giñoan. —Baiña euren guraso eta erriak arerioetakoak diranean... —Orduan obeto, Ubero adiskidea, orduan obeto. Ez da gauza on bat Erri bi baketutea? Bada arerioetako etxadi andi bat alkarturik, prankotarrak eta euskaldunak baketu al bageinkez, gauza on bat egiten dogu. Orregaitik, pozarren iakin neban Riktrudis eta Adalbaldo maite zirala, orregaitik lagundu dautset, euren ondo-izateak Errien osasuna ekarri daian. Euskal-Erriko Lorea erbestekoak ezagutu daienean —uste izan dot nik— ain bizitza on eta usain gozozkoa erabilliko dau eze, maitetuko dabe prankotarrak eta obeto begiratuko deutse Lore orren mendiari. Adalbaldo zaldun zuzen eta garbia Mendiolako alabeagaz bat egiñik ikusitakoan, prankotar gaztearen leialtasun egiazkoa ezagutu ondorean, urreratuko iakoz euskaldunak eta maitetuko dabe, eta ez deutse prankotar guztiai begi gaiztoakaz begiratuko. eta era orretan —uste neban nik— ainbeste gizaldian gorrotoz bizi izan diran Dierri biak adiskidetu leitekez... —Nire usteak, Ubero —iarriatu eban apezpikuak— nire usteak prankotarren aldetik beteten asi dira: ikusi dabe zuen Lorea, Riktrudis, eta ezagutu dabenerako an dauke, gauza on eder maitegarria legez, baratza aberats baten erdian iarririk. Zeuek zara Adalbaldo ezagutu ez dozuenak: ez dozue ezertarako astirik artu. Ozinbelzko gizon gorrototsuaren deadar eta izutaldiak entzunda gora-goraka iagi zara; gizon on batek, Padarrak esaten eutsuen egia ez dozue aitu gura izan: oben ikaragarria egin dozue beragaz, bapere ikaratu barik; itsutuak zagoz danok, eta Iaungoikoak bakarrik daki zuen gaiñera zenbat kaltek etorri bear daben. Ixill-ixillik egozan aita-semeak Amandoren iarduna entzuten, eta ez eban txitik atera; biaña ezagutu iakuen euren biotzetan mugidaldaren bat dabillena. —Zuk ez dozue iakingo —itandu eban Amandok berak, Adalbaldo zein dan? —Izen ori oraintxe artean entzun bere ez dot nik egin. Dukea edo olango andikiren bat dala esan deuste —erantzun eban zarrak. —Ez zara gogoratuten zelan beiñ Aitzbarrengo eliz atarian oraiñ urte bete inguru, Portunek prankotar bategaz auska edo burruka egin eban? —Bai, iauna. Orduan Portunena zan errua. Prankotarra barriz guztiz Iaungoikozko gizona ei zan. —Axe da ba Adalbaldo. —A dala? —Axe bera. —Ara nondik len bere alde izan da, gaur u... —Gaur bere bai: zuk ezin zeinke beiñ bere gauza zuzen baten kontra iokatu. —Baiña Euskal-Erriaren kontra bere ez. Eta, zuk, bear bada, ikusi ez dozun ate batetik, Riktrudis eta Adalbaldoren ezkontzea Euskal-Erriaren kalterako dator. Or dago lakiua. —Zeure gogamen ori agertuizu obeto, Ubero. —Agertuko dot. Maite diran gazte bi alkarregaz ezkonduteari, euren eta Errien onerako bada, ez deitzot txarto, zuri entzun eta gero; baiña euskaldun baten aberastasun, etxe eta lurrak prankotarren eskuetan gelditzea, beti da euskaldunentzat gauza kaltegarria. Biar edo etzi. —Ixildu zaite, Ubero; ez eidazu geiago iardun alperrik, badakit nora zoazan eta. Zuk eregita ikusten dozun ate orrentzat badaukat nik kisketa edo maratillea. —Ia, ba. —Riktrudisek Auñemendik daukazan ondasun guztiak euskaldun beartsu edo txiroentzat geldituko dira. —Milla aingeruak! Ori beste gauza bat da... Baiña, egia da ori gero? Riktrudisek naiko dau? Itxiko deutsa prankotarrak emote ori egiten? —Egia da: neuk diñotsut. Riktrudisek nai dau. Adalbaldok berak agindu deutsa emon daiala dana, esan-mesan gaiztoen apukoa kentzeko. —Milla aingeruak! Ori alan bada, eta izango da zuk diñozunean, ez daukagu gudetan zergaitik asi. Geienez bere, Auñemendik emakume on bat galduko dau; baiña ez lurrik eta... —Ezta emakumerik bere. Euskal-Erriko alabea, euskera zalea eta euskera zabaltzaillea izango da edonun. Ara, eskontzarako berbia emo-ebanean, zer esan eustan: «naroian lekura naroiala patuak edo Iaungoikoak, euskalduna eruango nau, euskaldun biziko naz beti toki guztietan. Neugaz ioango dira erririk erri, euskal mendia, bere izkerea eta bere ekanduak. Euskerea erakutsiko dot nun-nai, nire erritarren lege zarra adierazoko dot, al dodan giñoan. Nire gomutea, nire adimena, nire biotza, nire izakerea, euskalduarenak izango dira beti; eta edozeiñ tokitik, nire begiradarik gozoena neure mendientzat izango da, eta nire arrenik bero, sutsu eta onena euskaldunentzat eta euskeraz egiña. —Ez da txarto esana. Erdia egiten badau bere ez dau gitxi egingo. Nik ez nekian bada olango gauzarik eta. —Orain badakizu edozeiñi esateko bere. —Zeiñi gero nik, iauna, zeiñi? —Etxera etorriko iatzuz zure iritxi eske. —Gaixpar —deitu eban Uberok biurrera txiki bat albokera eginda— entzun dozak ik ondo apezpiku iaunak esan dituan gauzak? —Bai, iauna —erantzun eban ordurarte ixillik egon zan semeak. —Eta? —Eta emen entzun doguzanak entzun ezkero, ezingo garala gudetara ioan. Amandok begirada gozo bategaz saritu eban Gaixpar-en erantzuerea. —Zuzen esan dok, mutill, zuzena az eta —esan eutsan aitak—. Baiña ez dok ori naikoa. Gazte asko gudarako amorratzen egongo-ituk, eu orain ordubete aizkora zorrozketan euan legez, eta guztiai gauzak zelan diran esan bear iakue. Ia gaur lagunakana ioaten azan eta. —Ez deuste ezer aituko. Portunek esaten dabenera iarrita dagoz danak. Baiña alegiñik egin barik ez dogu itxi bear. —Neu ioango naz agitarika dagozan tokietara —agertu eban Amandok— eta neuk egingo dautset berba. —Alperrik. Ezdeutsue iñok bere iaramonik egingo. Zu erbestekoa zaralata, prankotarren alde zabiltzalata diñue. Portunek gura dabena egingo da, eta Portun zure antxiñetako arerio okerra da barriz. —Baiña lotsagarria ez da Portun fedegaiztokoaren azpian euskaldun kristiñau guztiak egotea? Ez dago emen beste gizonik? Ametsuko Peru eta Etxegoieneko zalduna ill al dira? Araneder, Askonbegi, Arbide, Sasiondo, Aritzmendi, Ibaiñeta, Aialde, Otegaiñ eta beste euskaldun ospetsuak zer egin dabe? Zure aita onezkero zarra dago baiña, ez zara, Gaixpar, zu bere Portun aiñpako gizona? —Portunen izenak beste Euskal-Erriko guztiak illunpetan daukaz, iauna. Ez da bera motel da argibakoa: azkarra da, sendoa, zala, okerra, ausarditsua, esku biak nun daukazan dakiana: atan bere, agintaririk egokiena legez ez deutsagu iñok begiratu emen, ainbeste gizon azkar, argi eta sendo dagozan lekuan; baiña egun batzuetatik onara Portun eta Portun baizen besterik ez da entzuten; berak igarri dabela, berak dakiala, berak egingo dabela, berak au, berak ori eta dana berak. Diego Etxalar, tragonarrua baizen ao andiagaz aurretik dala,danoen artean geuk iaso dogu Portun goren-gorengo mailletaraiño, eta Portun eta gaur emengo gizon bakarra. —Bada gizon orrek ez dau Euskal-Erria bide zuzenetatik eruango. —Alan uste dot neuk bere oraiñ. —Milla aingeruak! Milla aingeruak! —ziñuan zarrak— orain dakigun guztia lenago ez iakin bear! —Oraiñ dakizuen ezkero, bada, egiñ alegiñak egiaren alde. —Baiña berandukoak izango dira, Amando iauna, berandukoak. —Al danena al dana egin ezkero, Iaungoikoak ez deusku gieago eskatuko. XVII – «ERBESTE»-KO BIZIA Riktrudis Adalbaldoren etxadian prankotar emakumeai onekandu guztiak erakusten bizi zan. Euskaldunak bere kontra artu zituen neurriak, eta Auñemendiko aideak esaten zituen gauza okerrak min andia emoten eutsen biotzaren erdian. Ez zan gitxiagotarako bere. Maite eban euskal mendia. Ai, zenbateraino eban maite! Bertatik urrinean bizi zanean ezagutu eban obeto Mendiolarentzat eukan maitetasuna zeiñ andia zan. Ango intxaurdiak! ango arizti luzeak! Ango pagodi zabalak! Ango soloak! Ango zelaiak! Ango artaldeak! Ango errekak! ango etxetxoak! Ango bide ziorrak! Ango arriak eurak! Ango eresi gozo-gozoak! Irudimenean eukazan beti, eta ezin zituan burutik iñundik iñora kendu. Bere egotordu guztietan euskal mendirantz begira geldituten zan, mendietatik pozgarrizko oiarzun eta albisteak itxarongo balitu legez... eta mendietatik noizean beiñ etorkozan oiarzun eta albisteak, negarrezko deadar eta garrasiak izaten ziran. Riktrudisek bialtzen zituan Euskal-Errira bere begiradarik bigun, gozo eta eztitsuenak... eta Euskal-Erritik biurtuten iakozan Riktrudisi arao eta birao donga eta ikaragarrizkoak. Riktrudisen biotzak: «maitea! neure maitea!» esaten eutsan Auñemendiri... eta Auñemendiko basoetatik erantzuten iakon: «madarikatua zu, eta madarikatuak zureak!» Alan gurako eban Iaungoikoak. Eta Iaungokoak gura ebanean, arimarako ona izango zan, mingarria izan arren. Zein gurasok ez dau nai bere seme-alaben ona? Eta ez da Iaungoikoa asko dakian eta asko daikean Gurasoa? Zeiñek bada gugaitik Berak baiño obeto begiratuko dau? Bagenki ziartu adiskide batek guztiz gaituala maite, ziartu iakingo genduke berak lagunduko leuskigula, eta bere eskuetan gure zoriona ipiñi ezkero, zorionduko gendukezala. Bada guztiok daukagu gure zoriona egin leikean adiskide bat, adiskiderik onena, iakintsuena, beste iñok baiño askoz geiago maite gaituan adiskidea. Berak darabilz zeruak eta lurra; Bere mendean daukaz aingeruak, gizonak eta inpernutar guztiak, Bere agindupean bizi dira aizea eta trumoia, ekaitz, euri, txingor eta edurtza zuri-zuria; Berak esaten deutsa eguzkiari argi egin daigula, eta eguzkiak argi egiten deusku; Bere esku altsuetan daukaz zoriontasun guztietarako giltzak: dana daki, guztia al daike, maite gaitu; zeren bildur izan bear gara? Olango gogarteakaz bereganduten zan Riktrudis, eta ume batek aitagan legez, Iaungoikoagan itxaropen guztiak ipiñirik, erakidara bizi zan inguruan eukazan euskaldun guztiai erakidara bizi eragiñaz. «Datorrena datorrela —ziñoan sarri— Iaunaren eskuetatik dator, eta eziñ leike gure arimarako lakterik ekarri. Egin bedi beti Bere naigura donea, gure onerako da eta». Riktrudisek, bere atsakabeak errezago eruateagaitik, eta biotzak alan eskatuten eutsalako, Euskal-Erri txiki bat egin eban Ostrabenton. «Erbeste» ipiñi eutsan etxeari izena, zerren, lurra gizonentzat erbestea dan legez, erbestea zan riktrudisentzat prankotarren erria. Baiña guztiz ondo tga Euskaldun bizi zan. Euskeraz itz egiten zan beti Erbesten, euskeraz arren, euskeraz ereztu, Euskal-Erriko ipuiñak esan, euskaldunen ekanduakaz bizi, euskaldunen gisara iantzi... Arkaitz eta mendiak ez ziran agiri eze, beste gauza guztiak euskaldunak ziran Erbesten. Gizon bat baeukan barriz Auñemendiko Loreak, gizona baiño geiago aingeura zirudiana. Ume-umetan bere amama done Jertrudisegandik ikasi ebazan ontasun eta zuzen ibiltea beiñ bere ez zituan aztu. Lenagotik dakigun legez., iakituna zan, etxadirik andienean iaiorikoa, fedetsua, gauza artezen zalea, egiaren eskudataria, lurreko gauza guztiak gaitik okertuko ez zana; eta orregaitik erregeren iauregiko gizon gaiztoak bere bildur izaten ziran, eta zuzen-bidetik ebiltzazan danak, guztiz eben adiskide eta lagun. Ebillen tokian ebillela bere bizitza on eta garbia erakusgarri andikoa izaten zan, baiña batez bere etxadi barruan. an erakusten eban zan aiña andi bere biotz lieñargi eta ederra, an agertuten zituan bere gurari zindo eta iaungoikozkoak. Senar maitalea, Lurreko senarren artean maitalerik bazan, bere emazteari poz bat emoteagaitik zer egin ez ekian, eta ez eban iñoiz etxetik urtengo bere erregearen deiak nai baño sarritxuago atera izan ez baleu. Etxeko guztiai, morroietatik asi eta gorengoraiño, gauza on eta osasungarriak erakusten iardun oi eban askotan. «Ondu daiguzan bakotxak geure etxadiak, ekian esaten, eta Lurbira guztia ona izango da». Bere gauzarik ez eukan: beartsu guztientzat zabal-zabalik eukazan beti iauregiko ateak eta zenbat eta beartsuago izan etorrena, ainbat eta biguntasun geiagogaz artu oi eroan. Asko emoten eban, baiña emon gura ebana geiago izaten zan oraindiño. Ez eban begiratuten zein zan zerbaiten eske etorkona: naikoa zan lagun urkoa eta Iesusen odolagaz irabazia izatea. Zenbat erbestekok bete oi eban sabela Erbesten, zenbat arrotzek billatu oi eban itunde ona, oe biguna eta guraso baten laztan gozoa! Senar-emazteak guztiz ondo etozen alkarregaz: biak ziran bardiñ bardiñak. Euskal-Erriko guda eta kurruketatik igeska betorren iñoiz menditarren bat, an egongo zan Adalbaldo ate ondoan, besoak zabalik, Lege zarreko Israeltarren Guraso andiak egongo ziran eran, etxean sartu eragiñ, eta poz-pozik eukan guztiagaz laguntzeko: prankotar gizagaixoren bat ikusten bazan, gudetan zauritu eta alperrik galdua, urtengo eutsan bidera Riktrudisek, ekarriko eben iauregira, garbitu eta sendatuko eutsazan zauriak, eta emongo eutsazan erruki eta maitetasunaren agergarririk egiazkoenak. Egun batean, Riktrudisek, gudetan zaurituriko prankotar bati sendagarri batzuk gozoro eta egokitasun andiagaz ipinten ziarduan, eta bien inguruan etxekorik geienak prankotarrak esaten zituan gudako gertaerak entzuten egozan. «Gogorrak dira menditarrak —ziñuan zaurituak— euren mendietako arkaitzak baiño gogorragoak; mendi egaletik gora eta bera ibilteko basauntzak baizen ariñak; eta edozeiñ iasarrirako gu baizen ausardi eta indar andikoak. Oraingo onetan Auñemendiko euskaldun guztiak ez ei dabilz alkartuta, baiña, alan bere, guk, askiozaz gizon geiago izan arren, ezin dogu mendi egaletik gora igon». —Zelan ez ba? —itandu eutsen, barri geiago iakiteagaitik. —Zelan? Izten ez deuskuelako. Utsune bat billatuteko asmoan edonundik asten bagara, gaiñean ditugu beti menditarrak, leoi amorratu baten antzeaqn, eta erdiak eta geiago bidean gelditu baga aurrera ioaterik ez dago. Oraiñ egun asko ez dala nintzan ni ango esetsi batean. Gaztelu baten lo apur bat eginda gero, urten genduan gaberditik laster Berriotzeko basoan goizalderako egon bear gendualata. Alde atatik iñor ez egoala esan iakun, baiña edozeiñ tokitan arerioak billatzen oituta gengozalako, ixillik ioatea obea izango zala esondetu euskuen. Bagoaz, bagoaz, errekarte batetik gora, ixillik ba, ixillik bear bazan. Arnasa estuaren soiñua besterik entzuten ez zan, edo txirristada edo larrapastada baten zaratea. Arako baten entzun genduan irrintzi bat, garbia, indartsua, luze-luzea, eta ezertarako astirik emon baga euskaldunak gure artean sartu iakuzan, otso gosestuak artaldean sartzen diran gisara. Ango oiuak! Ango deadarrak! Ango garraxiak! Ango abarrotsa! Ango burdiñ soiñua! ango arrien sunburrunea! Ango gizonen bilinbolakea zer-tzan! Nik ez dakit ondo zer gertau iakun bere. Arrikada bat4ek konorta kendu eustan, eta urrengo goizean errekondoko sasi tartean billatu neban neure buru adore bagea. Buru azurra ausirik neukan, orain dakutsuen legez, eta konort baga egon nintzan bitartean odol asko galdu iatan. —Gizagaixoa! —esan eben entzule guztiak. —Eta pozik garunak barruan neukazanean. —Eta zelan urten zenduan andik? —itandu eutsan. —Iagi nintzan zelanbait, oial zati bategaz lotu neban burua, al neban eran, eta pixkaka-pixkaka asi nintzan errekan bera. Gutar gizon bizirik ez zan agiri iñon: illak bai, or eta emen, ur ertzean, sasi tartean ankaz gora, eta zugtatzen ondoan zearretara: zeintzuk ziran begiratuteko kemen eta gogorik ez neukan, ariman illuntasun andia emoten eusten eta. Banetorren erdi narraska euskaldunik billatuko ete neban bildurrez, eta «dxaust» urten eustan euskaldun batek aurreko aldera. «Galdua naz ba» otu iatan; baiña ez zan alan igaro. «Ez zaite ikaratu, adiskidea, —esan eustan, nire gogamena ezaguturik— euskaldunak gizon aulduakaz ez dogu ezer gura, arerioak izan arren. Zeureakgana ioan gurako dozu?» Bai, al baneu eta nun diran baneki —erantzun neban. «Neuk lagunduko deutsut, eta zure lagunak nun dagozan erakutsi bere bai» esanda, oratu eustan eskumako besapetik, eta ekarri nituan gurien etzauntzetatik urre-urreraiño. Eta an, ardao ontzitxu bat eskuan ipiñita «edan orain indarra artzeko dxangadatxu bat —esan eustan— eta agur». —Ori da, ori, gizon izatea! —ziñuen zaurituaren entzuleak. Onetan, batzuk gizon gizagaixoa palaguz beteten egozala, eta beste batzuk euskaldunen leiñargitasuna gora iasoten ziarduela, agertu zan ate-arian Amandoren aginduakaz etorren menditar bat. Itxi eutsen guztiak prankotarrari, inguratu eben euskalduna, eta abegirik pozgarriena egin ondorean, Euskal-Erriko albisteak itanduten asi iakozan. Eta zein utsa, errukarria eta doekabea dan gizona! Prankotarrak aztu zituan bereala euskaldun bati zor eutsazan eskerra, gogoratu iakon bere buruko zauria, Adalbaldoren etxean eregu guztietarako eskubidea berak bakarrik eukala otu iakon; eta, barru txarrik ez eukan baiña, ikusi ebanean len beretzako ziran arreta, keska eta begiruneak menditarrarentzat zirala orain, auzokoai egiten iakozan menekioak ezin eroanik egoten diran umeak legez, esan eban: —Euskaldunai emen elitxakiue aiñ arrera onik egin bear. —Zergaitik ez bada? —itandu eutsan Riktrudisek. —Emengoak ez diralako, eta gure areriorik okerrenak diralako. —Iakin eikezu, gizona, —esan eutsan Erbesteko etxekoandreak— iakin eikezu, lenengo, euskaldun au ez dala gizon gudalaria; gomutau zaite, bigarren, euskaldunen artean zagozala, eta neu bere, zeure burua sendatzen egon natxatzun emakume au euskalduna nazala; eta, azkenik, ez zaite aztu zer egin eutsun euskaldun batek, zeuk esan dozunez, zauriturik idoro zenduzanean. —Baiña ez dira, andrea, euskaldun guztiak niri lagundu eustana eta zu langoak. Agaitik eta zugaitik neuk bere edozer gauza egingo neuke; baiña danakgaitik ez, zerren danak ez diran onak. —Danak onak ez. Zelan izango dira bada, gizonak eta emakumeak badira? An eta emen, onak eta txarrak, neure aitak esan eustan senera. Baiña gauza bat esan bear deutsut: zuk erakusten dozunez, zerbait zor deutsunari gauza on bat egingo zeunskio, besteri ez. Zer izango zan zugaz gaur, errekartean billatu zenduan euskalduna zure iritxikoa izan balitz? Zer eutsun zor zuri berak? Zuganako zer zor neukan nik? Ez ekian zer erantzun zaurituak. Erdi lotsaturik egoan, danak berari begira eukazan eta. —Ezagutu egizu, gizona, —iarraitu eban Riktrudisek— Iaungoikoak batak bestea maitetuteko agindu eban ezkero, al dogun on guztia egin bear deutsagula edozeiñi, zuzena bada zuzena dalako, eta okerra bada zuzendu daitean; eta iakiñ eikezu gaiñera, euskaldunak prankotarren arerioak badira, prankotarrak lenago egindako dongakeriakgaitik izan leitekezala. Etxe onetan daukagun guztitik emongo iatzu aukeran, baiña euskaldunari egitgen iakonaren ondamuz ez zaite egon, zerren zure anaia dan eta zeure buruari beste opa bear deutsazun. —Tira, tira, naikoa da iardunik, —esan eban Adalbaldok irri-barrezko arpegiagaz—. Orrek gizalegea badaki eta zauriak min emoten deutsalako zerbait esan arren, Iaungoikoaren legea iarraituten dabenetakoa da. Emoiozue nai dabena iaten eta edaten, gu, mutill eder onen aotik Amandok zer diñoskun iakiten goiazan bitartean. Olango laurkak egunero ikusi oi ziran Adalbaldoren etxean, eta iauregi bedeinkagarri atatik, amaika bidar, arerio sartu ziranak adiskide benetako egiñik urten oi eben. Amandogandik menditarrak ekarri zituan agindu eta albisteak zertzuk ziran baiña? Zer izango ziran? Auñemendik ez egoala gizonik baketuteko itxararik; geroago eta sakonagoak zirala gorrotoak; Iesusen legea gorrotoan bizi ziran arimetan ezin zala sartu; Adalbaldok erregeren iauregian egin eiala al eban guztia, prankotarrak, esetsi barik, euren buruak eta erriak zaintzen bakarrik egon eitezan geldi-geldi; ia olan bakerako biderik billatu baleban berak, Amandok. XVIII – AGUR BAT Egunak ioan, egunak etorri, urteak igaro ziran onetan eta orretan. Adalbaldoren etxean iaio ziran seme eta alabak, asi ziran, eta erakutsi iakoezan erakusgarri asko eta onak. Alango gurasoak eukezan. Txiki-txikitatik sartu iakoen ariman Iaungoikoaren bildur donea, iakituri guziten asiera zuzen eta egiazkoa; oiñez asi ziraneko, eroaten zituan aitak edo amak landerren aurrera, euren eskuakaz emon eiuen gizon eta emakume beartsuai, ianari, edari, soiñeko edo beste osterantzeko laguntasuna; adiñak zerbait argitu iakoezenerako esan iakuen, aberats da txiroak, danok Iaungoiko baten seme-alabak giñala, danok anaika, zerurako iaioak, Iesusen odolagaz irabaziak; adierazo iakuen aberastasunak aberatsentzat bakarrik ez zirala, ez bada geideai laguntzeko Iaunak emoniko ondasunak baiño; urte gitxitan irauten daben neke eta naigabezko bizitzea geunkala Lurrean ulertuerazi iakuen, eta zeruetan barriz beti-betiko poz, atsegiñ, gozotasun eta zorinak itxaroten geunkazala. Eta umetan aro onagaz biotzaren erdian ipinten dan azia, erne oi da ondo, azi oi da ereti onetan, eta fruitu edo alort ugariak emon oi ditu bere garaian. Adalbaldo eta Riktrudisek lau ume izan zituen: gizonezkoa lenengoa, tga andrazkoak beste iruak. Semeari Mauranto ipiñi eutsen izentzat, eta alabai, Klotsenta, Eusebia eta Adalsenda. Eguzkia baiño ederragoak ziran laurak, amaren itxura andikoak, euskeraz guztiz ederto ekienak, Euskal-Erriko eresi edo kanta gozoen zaleak; eta bakea egiten zanean amatxoren iaiotetxea ikusi eta aitonen illoi gainean arren egitera etorteko amesetan egozan. —Noiz izango da bakea, ama? —itanduten eutsan sarri txikitxoenak Riktrudisi. —Bakea, alabatxoa? Iaungoikoak gura dabenean. Erregutu egiozu askotxu laster izan dediñ. Eta Adalsenda ume errubageak, bere eskutxoak baturik eta gaztaiña margoko begi ederrak zeruruntz iasota, egin oi eban arren samur-samurra, bakea izan dediñ gizon petral errudunen artean. Zeiñ gozoro entzungo eben zeruetan bere aitona Arnoldo eta Andre Luziak, Adalsendaren arren biguna, beste gauzakgaitik izan ezta bere Euskal-Errian euren lobatxuak ikusteagaitik! Baiña Iaungoikoak, errubagakoen arrenak entzunarren, gudakaz gizonakgana bialtzen daben zigorra Euskal-Erritik ez eban iaso nai. Urte askoan zirauen gudak eta irauteko itxurak eukezan. Ez Amandok, bere iakituri eta donetasun guztiagaz, ez Uberok eta semeak Auñemendiñ euken izen onagaz, beste euskaldun kristiñau askok euren gozo zintzoagaz, ez Adalbaldok prankotarren artean eukan eskubide eta agintaritza danakaz, iñok bere ezin eban Dierri biak kiskaltzen eukazan gudetarako sua amatau. Suak su dakar, gorrotoak gorroto barriak sortu oi ditu, esetsi bat iasarri askorren iturburua izan oi da. Orregaitik, Riktrudis ezkondu zanean Portunek zabaldu zituan txinpartetatik etorri ziran gero errientzat ainbeste kalte, ainbeste odol-erreka, ainbeste arimen ondamendi. Noizean beiñ naigabe sakonak izaten zituan Riktrudisek bere biotzean, euskaldun eta prankotarren arteko guda guztien iatorria bera izan zeitekeala gogamenduten iakonean; baiña bere senarrak eta elizgizonak kenduten eutsen burutik bere gogartea, bada, euren eritxiz, Portunek eukazan erru guztiak. Neke andiak eroiazan Adalbaldok bere, prankotar eta euskaldunen arteko gudakgaitik; baiña beti eukan atsegiñ bat: berak beti aserreak amaituteko alegiñ guztiak egiñ zituala gomutetia. Portunek beiñ baiño geiagotan adierazoten emon eutsan Adalbaldori, euskaldun batzuek bitartez, bildurti-emetzat eukala, gudara ez eioalako; baina Adalbaldok gurago eban bildurtitzat euki eiela, eta ez guda eta aserre okerrai laguntasun apur bat geiago emon. Bere eginkizun guztia zan ainbeste urtean, erregerena urrean egiaren alde itz egitea, euskaldunen alde atxakiak billatutea, bere lagun urkoai alebaneraiño lagundutea, eta bere etxadi maiteari ondo begiratutea. Baiña Klobis II-garrenaren mendekoa zan edozetara bere, eta bere premesi edo lokan guztiak ondo beteten ekizan zalduna. Deitu eutsan bein bere iauregira errege orrek, eta esan eutsan: —Adalbaldo, Euskal-Errira ioan bear dozu. —Zeuk agintzen deustazuna egiteko prest nago, iauna, neure gozozko ez dan gauzia agintzen badeustazu bere —erantzun eban Riktrudisen senarrak. —Zeure zaletasunezko gauzia agintzen deutsut, iarraitu eban erregek. Noiz edo noiz euskaldunakaz darabilgun gudea amaitu nai neuke, eta zeuk zure eta Amandoren izenean sarritan esan deustazun esondea gogoraturik, erabagi dot ioan zaitezela zeu gurien artera, eta begiratu daizula prankotarrak urten eztaien bere errietatik kanpora, eta Amandok barriz zabaldu daiela menditarren artean albistea: ez dogula guk geiago euskaldunakaz gudarik nai eta baketu daitezela; baiña iarraitu nai badabe, bialduko ditudala neure erritar aginpeko guztiak mendira, iñoiz izan ez dan lango triskantza gogor entzungarri bat egin daien. —Noiz gura dozu, iauna, zure agindua betetera urten daidan? —Ainbat lasterren. —Laster izango da, bada —erantzun eutsan dukeak. Adalbaldo, erregeren iauregitik urten eta bereala, ioan zan etxera, eta esan eutsan Riktrudisi erregeren agindua. —Ez deitxot txarto —esan eutsan emazteak— eta nik txarto iritxita bere, zeure erregearen agindua egin bearko zenduke: baiña ez dozula gauza andirik egingo uste dot, gorroto matasa andiak billatuko dozuz eta. Gaiñera... nik ez dakit... neure biotza taupadaka asi iat, eta Iaunak badaki gure gaiñera zer egurrek etorri bear daben. —Zer diñostazu, emakumea, —asi iakon Adalbaldo, bere emazteari atsegiñ eta arnasa pixka bat emoteagaitik—. Zer gura dozu nik egin bear dotan gauzea baiño errezagorik? Ez dozu entzun erregearen agindua daroidana, eta ez dakizu nai eta nai ez nik esaten dotana egin bear dabela prankotar guztiak? Eta euskaldunak barriz, gu geldirik gagozala ikusi daienean, eta Amandoren aotik entzuten dabenean ez dogula nai gudarik eta ez deutsegula lurrik kenduko, itxiko ditue gudetarako tresnak eta soroetako lanetara biurtuko ditue gudetarako tresnak eta soroetako lanetara biurtuko dira. Siñistu egidazu, Riktrudis; laster ikusi bear ditugu bake donearen argi erraiñu bigun pozgarriak. —Bai ete, Adalbaldo? —itandu eutsan emazteak, begi biak malkoz beterik eukazala. —Bai, emakume leikorra; bai, menditar siñistxarrekoa; bai, Riktrudis: laster naz emen bakeak egin eta gero,k eta eroango zaitut bereala zeure mendietara, zeure ariztiak ikusi daizuzan, zeure lurrari mun egin daiozun, zeure erritarrak zeruetaraiño iaso zaiezan eurakgaitik Erbesten zer egin dozun iakin daienean. —Noiz zoaz? —itandu eutsan Riktrudisek senarrari, bere iardunean arreta andirik ipiñi baga. —Ainbat lastarren esan deust erregeak, eta biar goizean goizetik urteteko asmoa daukat. —Zeintzuk eroan bear dituzu zeugaz? —Ez dakit, bada. Pedro Mari zarra dago eta... —Orixe izango litzateke onena, baiña bene-benetan dago zarra: ankarik ezin iaso dau ia, eta orrek ezingo deutsu lagundu. —Lope eta beste iru edo lau otsein eroango dodaz. —Lope! Lope ori ez da neure naigurako morroia, baiña zeuk gura badozu. —Gurari andirik ez daukat nik. Ostatuetan iakia billatzeko eta aukerakoa dan ezkero, bera eruatea otu iat. —Ori bere egia da. Zuk zeure buruari begiratuten ez dakizu eta, bere sabela baizen beste gogamenik ez daukan gizon bat ondo etorriko iatzu alboan. Gau atan Adalbaldo iñoiz baiño bigunago, palagotsuago eta oniritziago egon zan bere umeakaz. Zenbat ipuiñ gozo esan eutsezan! Zenbat esonde eta musu emon! Adalsenda bere umetxu txikarrena belaunen gaiñean arturik, eta bere bekoki garbi zimur bagakoan munga, munga iagokola —Maite dozu aita? —itanduten eutsan. —Bai, iauna, —ziñoan umetxoak. —Eta zein besterik? —Amatxo. —Eta zeiñ aitatxo eta amatxo baiño geiago? —Iaungoikoa. —Neuk bere bai, aita, neuk bere bai —esaten eutsen beste umeak, belaunetatik, besoetatik eta lepotik oratuta. —Danok nauzue maite? —Bai, iauna, danok. —Eta zeiñ besterik? —Amatxo. —Eta zeiñ aitatxo eta amatxo baiño geiago? —Iaungoikoa. —Iaungoikoa beti maitetuko dozue? —Bai, Iauna. —Ama eta ni illdakoan bere bai? —Bai, iauna, beti. —Beti Iaungoikoa maite badozue bada, danok alkarregaz zeruan egongo gara, oraiñ ementxe gagozan legez, musuka eta musuka eta musuka —ziñoan dukeak, bakotxari musu barriak emonaz. Ez eben lo andirik egin gau atan senar-emazteak. Batak, ordu gitxi barru, ume eta emazte itxi eta, etxetik urriñera ioan bear eban. Besteari, baioakon senarra, guda-gizonen artera: noiz etorriko zan? Iaungoikoak bekian, bestek ez. Olango gogamenak naikoa eta geiegi izaten dira maite diran biri euren loak kentzeko. Iagi ziran urrengo goizean goiz Erbesteko morroiak lo aldi bat eginda gero, nagusi-etxekoandrak begirik itxi baga, maneau ziran guztiak, eta Adalbaldok, beregandetasuna obeto gordetearren umeen geletan sartu barik, etxetik urtetera eioanean. —Agur —esan eutsan Riktrudisi— laster arte. —Tira, tira —erantzun eutsan emazteak, nai eta naiezko irri-barre bategaz— goazen alkarregaz apur baten, eta gerotxoago esango deustazu agur. —Baiña, emakumea, oraiñ dagoan otzagaz... —Tira —esan eutsan barriro, atarirontz bultzada bigun bat egiñaz. Asi ziran danak bidean. Dukearen laguntzarako lau morroiak aurrenengo, zaldi gaiñetan, eta geldi-geldi; nagusiaren zaldia eroiala Pedro Mari atzeratxoago; Adalbaldo eta Riktrudis azkenengo, oiñez. Urtarrill baltzaren azkenengo egunetako goiz bat zan, oraindik eguzkiak iagiteko asmorik ez eukan, zeru aldean izarrak argi eta garbi ikusten ziran, eta lurrean illun eta otz andi egoan. —Izotz andia egin dau —zirautsan dukeak emazteari— eta ez dakit nik zetarako iagi zarean. —Zeu iagi ez baziña... —Baiña nik premiñaz iagi bear neban. —Baita neuk bere, biotzak agintzen deust eta. —Gaur niri laguntzeko esaten deutsu? —Bai, biar ez deutsut lagunduko eta. ai, zeugaz ioan al banei biar, etzi eta beti, zeure arrisku guztietan lagundu daizudan. Baiña Ama naz eta etxea bakarrik itxita eziñ neiteke zugaz ibilli. —Ezta bear bere. Begiratu egiozu zuk etxeari, eta zaindu egizuz umeak. Egun gitxi barru biurtuko naz ni, zuk uste dozun arriskuak igaro baga. —Ori nai izan daiala Iaungoikoak. Baiña arerioak daukazuz, eta arduratan ipinten zaitut: ez zaitekez edonungo bideetan bakarrik ibilli: gorde eikezu zeure burua Portunegandik. —Bai, emakumea, bai, ez eizu bildurrik euki. Zoaz etxera naikoa da eta. —Etxera bai pozik, zeu bazetorz. —Baiña ez dakizu ezin dotana bada? —Bai, badkit, eta orregaitik zeuk daroazun bidean apur bat geiago lagundu gura deutsut. Nire laguntasunik ez al zenduke gura? —Riktrudis! Zure laguntasuna gura nebalako billatu zendudazan; alkarregaz bizi garan urteetan, zure laguntasunagaz atsegiñik asko emon deustazu; zeuk ondo dakizun legez zu zaitut lagunik lagunena eta maiteena; nire ondasuna, nire bizitzea, neure biotza eta arnasea zeu zara; baiña zeure irudipen eta bidebagako amesakaz biotza illundu eta arnasak kentzera ez zakidaz gaur etorri: ez da orain zure laguntasunen ordua, agur egidazu beiñ, biurtu zaitez umeakgana, eta bizi zaitez upakean, fedea eta itxaropen osoa Iaungoikoagan ipiñirik. Bein bere etxetik ez dodala urten esan leiteke. —Agur bada, Adalbaldo. Ondo diñozu: oraiñ ez dozu laguntasun-bearrik. Agur, baiña ez aztu gero arduratan ibilteagaz. —Ez naz aztuko. Agur —esanda, Pedro Mariri eskatu eutsan zaldia, iarri zan gaiñean, Riktrudisi begirune gozo bat egin eutsan, eta draka-draka-draka bere morroien atzetik ostendu zan dukea illuntasunaren erdian. Riktrudis gelditu zan apur baten illuntasunari begira eta zaldien perra otsak entzuten, eta guztia ixildu zanean, emon eutsan nagarrari estanda egiteko zorian geldituteraiño. Pedro Marik, bere erara, gauza pozgarrizkoren batzuk esan etsazan, eta piskaka-piskaka ekarri eban iauregiraiño. Erbestera eldu ziran ordurako eguna argitu eban, eta eguzkiak bere lenengo erraiñuak bialdu zituan Riktrudisen iauregia epeltzeko. Baiña ez eban ezer epeldu. Zeiñ otza eta zeiñ utsa eritxon bere etxeari Riktrudisek! Umeak iagita billatgu zituan bere zaiñ, eta euren amatxo negarrez etorrela ikusi ebenean, asi ziran danak negarrez, zergaitik iakin barik, biotzaren lege eskuturen batek agintzen dabena egiñaz. —Ez negarrik, enetxoak —esan eutsen amak— ez egin negarrik: goazen Iesus onagana eta arren egin daigun aitan Adalbaldogaitik. Eta kurutzean iosiriko Iesusen irudi aurrean belaunikotaurik, arrenetan asi ziran etxeko guztiak negarrari itxi barik. XIX – MENDITAR BATEN ZANZOA Bitartean, Adalbaldo, bere emzteak buruan ipiñi eutsazan arretak ezin kendurik, baoian Euskal-Erriruntz. —Emazte maitalearen irudipen eta bidebagako ustea baiño ez da: —ziñuan beretzat— ez diran gauzak ikusi eragin deutsaz bildurrak. Zeiñen bildur izan neiteke ni? Prankotar gudarien bildur? Ez, zerren guztiak ezagututen ditudan eta euren artean askok maite nauen. Erregeren izenean noa gaiñera, eta erregeren izenari betuste eta menegindea zor deutse guztiak. Menditarren bildur izango naz? Ez, zerren ni bake soiñuan noa, eta nai izan ezkero, mendira zetan ioanik ez daukat: norbait Amandogana bialduagaz eginda daukat angoa. Zer pozik egongo dan Amando nire albiste ona artzen dabenean! Bene benetan nik eginkizun ederra daroat. Dierri bi bataren eta bestearen garaipen eta illunketa barik baketu eta adiskidetasuneko bidean ipiñi, kurruka eta gorrotoak kendu, batak bestea ilten diarduen besoak soloetako lanetara eroan, etxadietan upakea sartu, Iaungoikoaren legearentzat arimak irabazi. Eginkizun onetan arriskurik ez dot izango, baiña banituke, geidearen onerako eta Iaun Egillearen doakundeagaitik poz-pozik igaro leitekez. Eta onetara ill bear baneu, euskaldun fedegaiztokoak Iesusi deutsen gorrotoagaitik illgo banindue, ainbat obeto! Olango eriotzeagaz bai irabaziko neukeala betikotasuneko sari neurribagea. A! Olango amaiera doakundez betea zeiñek emon lekidan! Egia da, orretarako neure emazte maitea Lurbira onetan naigabez beterik itxi bearko neuke; itxi bearko nituke neure ume kutunak; baiña noiz arte? Bitarte andian ez, emengo egunak laburrak dira eta. Orain bere, Lurreko erregeagaitik an itxi ditut. Gauza andia litzateke Zerukoagaitik egun batzuk geiagoan iztea? Orrez gaiñera, Riktrudis emakume iaungoikozkoa da, eta Iaungoikoaren legeagaitik ill nazala iakingo baleu, laster poztuko litzateke, eta nik zerutik lagunduko neuskeo. A! Gura baleu Iaungoikoak! Bere gogoketa guztiak Adalbaldori, Lopek, berarizko beste gogoketa bategaz kendu eta zerutik Lurrera erakarri eutsazan. —Ugazaba —esan eutsan— ixillik zoazala eta nago. —Bai ete? Miña ixillik daroat, baiña neure adimena eta biotza berbetan doaz. Berbetea gura al zenduke? —Berbetea ainbeste bere ez baiña... —Zer bada? —Etxetik ezer artu barik usten dogu eta, urdailla gur-gur darabilt eta. —Iatea gura zenduke. Bai al daroazue zer ianik? —Iaki pixka bat badaukagu. Atsedentxu bat egin ezkero... —Tira, bada: zaldietatik iatzi gaitezan, eta bide ondoan iarrita, artu daigun zerbait. Eta olango gauzetarako aukerako zarean ezkero, ostatuetan danontzat iatekoa eta edatekoa billatzeko eskubidea emoten deutsut, Lope. —Ori, iauna, ederto esana da. Zure izenean eskatuta iñon bere ez dabe ukatuko, baiña, ukatu arren e, Lurrean dagon iateko gauzea billatuko neuke nik, usaiñean bere. Iarri ziran danak bide ertzeko zelaitxo batean, Adalbaldok zer-edo-zer aoan sartu eban, beste morroiak gosaldu eben ederto, Lopek, berak bakarrik, danak aiña eta geiago gauza iruntzi zituan, eta iarraitu eutsen euren bideari bidaztiok. Eguerdira artean ez zan beste iaterik izan; baiña, edo ardao-ontziak eriona eukan, edo edatea izan zan, bada Loperen zaldiko iarrilekutik dindilizka eroien, eta lenengo ostatuan sartu ziranean, tanta bat baga agertu zan. Asko ibilli ziran gero, eta bere ipur zabalak Loperi ondo maillatu iakozan, ziñuanez. Aurrenengo ibilli zituen egunetan ez eban gudari asko billatu, baiña geroago eta geiago, geroagao eta ugariago aurkitu zituen, eta etxetik urten eta bigarren egunerako, Erbesteko gure gizonak Burgaiñ deritxon erritxu baten ondoan egozan. Burgaiñen sartu baiño lenago, «Mutillak —esan eban dukeak— oraintxe da garaia, eta euetako batek Euskal-Errira barrura Amandoagana ioan bear iok». —Neu ioango nintzateke pozarren, iauna, aspaldian neure erritarrak ikusteko gogoagaz nago eta, erantzun eban Lopek. —Eu? Aiñ nekatua euala eta? Ia ba, onezkero ostatuetan idoro bear andirik ez dogu izango eta, ioari eu. Baiña ondo egin gero agindua. —Bai, iauna, bai. —Ardi-narru au kolkoan sartuik. Apezpiko iaunari eroaiok: irakurri daiala, eta ononzkoan albiste onak ekarri. —Bai, iauna, bai. —Iakirik badaukak? —Aor aurreko ostatu baten gauza batzuk danontzako ustean artu dodaz. —Guztiak eroiazak, bide luzea daukak eta. Guk zer iana billatuko dogu emen. Agur, eta ondo egin agindua. —Bai, iauna, bai. Gont-hram izeneko prankotarren nagusi andienetako bat Burgaiñen egoan. Adalbaldo nagusi orregana ioan zan, eta erregeren izenean eroian agindua agertu eutsanean, «Alde onetako gudari guztien burua ni naz, duke iauna; —erantzun eban nagusi orrek— naikoa izango litzateke, bada, erregeren izenean zer dakarzun nik esatea; baiña, alan bere, inguruetako beste agintari nire mendiekoak etxe onetara ekarrita, guztiai zeuk itz egitea gurako neuke. Txarto ez baderitzazu, emendik ordu bi barru geienak emen egongo dira; eta dakarzuzan agindu, eskubide eta egin-bear guztiak euren aurrean agertu zeinkez. Orretara, gudariak zer diñoen zeure belarriakaz entzungo dozu». Nagusi orren esanari Adalbaldok ondo eritxi eutsan. gizonik ospetsuenak bereala batu zituen, erregearen gurari eta agindua zer zan esan iakuen garbiro, eta guztiak gelditu ziran burua makurturik eta berbarik esan nai ezta. —Ixillik zakustaz danok. Ez daukazue iñork bere zer esanik? itandu eutsen Adalbaldok. —Zer esanak bai, baiña alperrikakoak —erantzun eban Robertok—. Menditarrakaz erabilli ditugun ainbeste lan eta ekiñaldi gogorrak, eurakgandik artu ditugun ainbeste iraiñ, eraso eta destaiñak, zer erantzun andiak dakarkuz aora; baiña errege errege da; gure Dierriko lenengo gizon, gudari eta zalduntzat daukagu; eta berak gura badau gure franziska edo aizkorea zeiñ zorrotza dan euskaldunai ondo erakutsi baiño len, Auñemendiko gudari basatiak edo gu, zeintzuk garan andiagoak ondo ikusi barik, ainbeste nekaldi artuta gero, arerioai kendu geinkeon sari on baten itxaropenak galduta, emen alperrerian gelditutea, erregeren guraria bete bedi. —Antxinetako adiskide Roberto; —asi zan dukea esaten— orrenbeste nekaldi eta epetasun artu ondorean, ospill eta onore baga gelditutea mingarria dana ezagututen dot; zu berbetan zagozan bitartean besteok egin deutsuezan ziñuak, euren barru-barruko guraria ikusi eragin deuste; baiña badakizue guztiok, eta zuk ederto ulertarazo dozu, gure nai izatearen gaiñean erregearena daukagula, eta erregenaren gaiñean, diñot nik Iaungoiko Egillearena. Klobis II-garrenaren gudarik, erregeren mendekoak: erregeren izenean eskatzen deutsuet, bada, gure eta euskaldunen artean darabilguzan eztabaida eta esetsaldi guztiak alde batera itxi daizuezala; egun batzuetan beintzat zeuen tokietan geldi-geldirik eta bakezko arpegiakaz egon zaitezala. Neure adiskideak, neure lagun prankotarrak, neure anai maiteak, Iaungoikoaren izenean arrenez naukazue: arerioakandik aspaldietan arturiko destaiña eta urruiñ guztiak gaurtik aurrerantzean aztu egizuez, bada Dierririk andiena eta leiñargiena parkatuten dakiena da. Zuen Lurreko erregeak bere izen onagaitik zenbat lan eta io eta-auste erabilli dozuen badaki, eta bakotxari berea emoteko gogoan eukiko ditu: zuen eta nire zeruetako Errege maitegarriak oraiñ egiten deutsazuen doskaiñi apurra betiko zoriontasun ugari neurribagakoakaz sarituko deutsue. Gogoratu zaiteze, gaiñera, luzaroko gizaldietan menditarrakaz darabilgun gudea, trema eta lelo zar bat baizen besterik ez dala gaur: eurak eta geuk danok erruak ditugula, geuk geiago eurak baiño, bada gutarrak ziran Euskal-Errira ioan eta lurrak ostu, gizonak ill, etxeak erre eta beste oben negargarri asko egin zituen gudarik. Bakotxari berea emon bear iako, eta bakotxari berea emotearren esaten ditut olango gauzak, ez zueri min geiago emoteagaitik. Entzu-idazue, siñistu-idazue, zuen biotzetan benetako leiñargitasunari toki emon eiozue, eta iñoiz bere etxatzue damutuko. Adalbaldoren esanak ez eben biotz guztietara bake eta beregandetasun osoa eruan; baiña erregeren guraria zalako, dukeak beste gauza bat esan artean, geldi-geldirik egongo zirala agindu eutsen. Adalbaldo poztu zan onenbestegaz, eta urrengo goizean, eiz antzean, Aitz-barreneruntz landetatik zear ioatekotan oeratu zan. —Biderako laguntasunik gura zenduke? —itandu eutsan lenago Gont-hramek. —Bai zera; zetarako gero? —esan eban gure dukeak—. Ez da onetan euskaldun gudalaririk izango. Eta gaiñera ni bake soiñuan nabill eta euskaldun baketsuak daroadaz neugaz. —Aspaldian, egunaz, Ustarits-tik ona ez dira ikusi menditarrok. Goialdean izaten dira izatekoak. Baiña badaezpada bere. —Ez, ez, eskerrikasko, eta agur. —Agur, bada. Bigaramonean ez egoan eizerako girorik. Seireun eta berrogeta amabigarreneko Otsaillaren bigarren eguna zan. Laiño lodi zabal batek gauza guztiak bere estalpean gorde zituan. Zerurik ez zan agiri, ibarrak eta mendiak ez ziran ikusten. Illunpetan egoan Lurra. Bidezkuok sartu ziran laster Aitz-barrengo landetara, ketan sartzen diran gizon batzuen gisan. Pinariko zugatzak bana banaka iarten iokoezan aurreko aldean, euren tartetik zeintzuk eioazan ikustera urtengo baleuke legez. Pinari andi zabalaren erdian ioiazanean, Adalbaldori, nondik eta nora ez ekiala, biotza illunduten asi iakon. Ariman, zergaitik iakin baga, larritasun andi bat eukan, bere gaiñera etorkon gertaldi txarren baten pekua legez. Eriotzea pinadian ostenduta egoala ia siñistu eban. Ba! Bere epeltasuna izango zan: begitanduerea, emetasunezko bildurra. Baiña zergaitik bildurtu bear eban berak orduan, egundo bildurtu ez zan gizona izan da? Biotzari, berak erabilli oi dituan ipuiñ, ames eta gora-berak, itandutea baizen ez dago. Ez ekian Adalbaldok zegaitik, baina bene-benetan ikaraz egoan. Iaungoikoaren deiren bat eta zan? Irudimenak iges egin eutsan Erbestera. Riktrudisek arduratan ibilli zeiteala esan eutsan, arerioak eukazala eta. Arerioak zugazti atan bertan egon zeitekezan! Ez eban ondo egin, Gont-hramek eskiñtzean, laguntasuna ez artzea... Umeak eta Riktrudis, an etxadi aldean egongo ziran, aita Adalbaldogaitik arrenetan eta arrenetan, ainbat lasterren osasunagaz eurakana biurtu zedin... Bai! Arrena zan gauzarik onena: arren egin bear eban berak bere, eta gero etorkizuna betorrela... Adalbaldo asi zan «Nire Iaun Iesukristo»... esaten... Amaitu ebanean, beste gizon bat zan Adalbaldo. Zer gertauko iakon geienez bere? Iltea? Eta iltea Iaungoikoagana ioatea baiño beste gauzarik zer zan? O! Gura baleu Berak nire bizitzea neure gaiztakeri guztien orderako eta Bere donearen omenerako artu! —Iauna, esan eutsan morroi batek onetan —ientea dago. —Non? —Ementxe aurreko aldean, izketea dantsut. —Ez da ardura: bakezko ientea izango da. —Ez da obea, iauna, ixill-ixillik neu ionda, zeintzuk diran ikustea? —Itxi eiozu, eta goazen aurrera. Iaungoikoak... Adalbaldok azkenengo itzak ez zituan ondo amaitu. «Bera da! Bera da! Dukea! Prankotarra! Kristiñaua! Lapurra! Gure alaben ostutzaillea!» Oneek eta beste olango estarri askotatik batera urtendako oin eta deadarrak entzun ziran trumoi garratz, gogor eta ikaragarri baten antzera, inpernuko gaizkiñ zarrak arima bat galtzean, egingo dituen garraxiren irudira, eta Adalbaldoren gorputza ingur guztietatik iaurtiriko eun gezi eta geiagok iosi-iosi eginda itxi eben. Adalbaldo erruki garrizko «Iesus» bat esanda zalditik bera iausi zaneko, gaiñean eban Portun, begi bietatik otsoen txingarrezko begiradea boteaz, aotik amorroaren bitza eta lerdea eriola. Dukea ordurako ondo ilda egoan, baiña ondo ill bagako aberea eiztariak amaituten daben legez, Portunek aizkoarakada batean dukeari burua erdibitu eutsan, eta «beiñ edo beiñ tximista orrek nire eskuetan iausi bear zenduan» esanaz, gorpuaren gaiñean bere oin batg ipiñirik, Ozinbelzkoak deadar egin eban menditarren zanzoa. Adalbaldoren morroiei ez eutsen ezer egin, baina ikaratuta egozan danak. Portunek lagunak Riktrudisen aideak ziran, eta euren artean egoan Lope ondo ardaoz betea, barrez barrez... XX – SAMIN GOZOA Suak eta iai entzungarriak egin zituen Auñemendin Adalbaldo il zanean. Zotiñ, zizpuru, illuntasun eta negar andiak eroan zituan Erbestera Adalbaldoren eriotzako albisteak. Gudako egunetan alan gertau oi da: batzuen garaia, bestien menpea: alde batekoen algaratzarra, bestekoen malko-iturria izaten da beti. Riktrudiseri gizon asko ioan iakozan dolamen eta errukia erakustera. Kurrukarako itzak esaten zituen danak: mendi guztiak erre eta kiskaldu, gaiztakerirako bakarrik bizi zan iente dongea bein betiko amaitu: aizkora bat iasoteko altasuna eukan guztia Auñemendira eruan, gizon basatiai euren leize zuloetaraiño iarraitu, eta ill danak antxe basurdeak ilten diran gisara: ori gura eben. —Ez olangorik, —ziñoan alargun gazteak—. Nire senarra bake zalea zan, bakeak egitera ioian: ez egizue, bada, bere gogoaz kontrako gauzarik egin; parkatu egiozue guztiai Adalbaldoren izenean. Orrezaz gaiñera, gogoan eduki egizue —eta au da niretzat gauzarik mingarriena—, dukea ill daben gizonak neure erritarrak eta neure aideak zirala, ni menditik ona beragaz etorri nintzalako, ezagututen ez ebelako, gizon gaiztotzat eta Euskal-Erriaren areriotzat eukelako. Bere odola gura eben; oraiñ bere odolez ase dira, eta bakerako iñoiz baiño bide obean billatuko dituzue. Iaungoikoaren izenean, bada, bakea egin eikezue, Adalbaldok zerutik lagunduko deutsueta. Riktrudisek, Adalbaldo ill ondorean, bere eskuaren eske etorri iakozenari iaramonik egin barik, bere burua bakartadean gordeteko asmoak artu zituan. Zer emon eikeon Lurrak? Gauza andirik ez: beste gizon andikiren baten eskua, eskintzen eutsan legez, erregeren iauregian bizi izatea, egun batzuetarako ondasunak, ames baten antzera iges egiten eben iolas-pozak, eriotzako ate ondoan bakarrik itxiko eben lagunak: utsa dana, arantzartean ezerez bat. Eta gaiñera Riktrudis ezin zeitekean Adalbaldogaz aztu. Beiñ emon eutsazan berari biotza, gogoa eta izatea, eta bereak bakarrik izan zeitekezan. Alperrik, bada, zaldunik ezagunenak bere esku eta ondasunak eskiñika ioango iakozan: ez eban geiago gizonakaz ezer gura: aurrerantzean, bere izate guztia senarraren gomuteari eta Iaun Egilleari emon bear eutsan. Gelditu zedilla Lurra bere itsura utseko gauzakaz. Riktrudis baoian Iaungoikoagana; bada bekian «gizonen iauregietan urte asko baiño, obeto zala Iaunaren aurrean egun bat igarotea». Lurrean eta lurtarrakaz naikoa egun igaro zituan. Amandoren esonde onak iarraiturik, bada, Mauronto seme nagusia ipiñi eban osaba lenapezpikoaren eskuetan, milla on gauza esanda gero, eta beste iru alabakaz Done Benitotarren bapilde batean sartu zan. Baiña an sartu baiño lenago Riktrudisi igaroriko gauza bat emen esatea ondo etorriko da. Adalbaldo il da gelditu zan tokia bere begiakaz ikusi gura izan eban, bere senarra lenengo lurpean sartu eben tokian arren eta agur batzuk egin gura izan zituan, eta orretarako Aitz-barreneruntz ioan zan: eta an, azken agurrak esaten ezin asperturik, egun batean, eta bian, eta iruan, kurutze baten onduan belauniko, ordu luzeak igaro ebazan. Begoan bein, bakarrik ain zuzen, negarrez, zotinga eta arrenetan, beti legez, eta sartu iakon bitartean ixill-ixillik illerrira euskaldun menditar bat, Portun berbera. Portun astiune andian egon zan Riktrudiseri begira, onek igarri barik. Negar egiteko gogoa etorkon euskaldun gogorrari ainbeste urtean ikusi bagako adiskide maitea aiñ negartsua billatu ebanean. Gizona barrurago sartzen asi zanean, begiratu eban emakumeak nor ete zan, eta begirada baten ezagutu eban bere arerio maitalea. —Zer dakarzu zuk ona? —itandu eutsan Riktrudisek bapere ikaratu barik. —Zeu ikustera etorri naz, Riktrudis, eta Auñemendiko bideak zabalik daukazuzala esatera. —Eskerrikasko, baiña ez daukat oraiñ Auñemendira ioan bearrik. —Zeure erria ez dozu maite? —Bai, baiña beste bat maiteago. —Prankotarrena? —Ez: zerua. —Eta or lurpean dagoan ori maite zenduan? —Biotz guztiagaz. Berari bizitzea emoteagaitik itxiko neuke neurea. —Orduan orri biztzea kendu dautsenak guztiz gorrotauko dituzu? —Ori ez: ez dot nik iñor gorrotau gura. Nire senarra ill dabenagaitik egunero arren egingo dot neugaz batera zeruan gertau daitezan. —Zeruan zeugaz batera? Eta nondik ioaten da zerura? —Kristiñau onak daroen bidetik. —Eta zeru orretan guztiak alkar maitetuten dabe? —Guztiak. Ara bazatoz, an maitetuko zaitut. Agur. Riktrudisek Portuni agindu eutsana bere bizitza guztian egiñ eban. Bakartadean igaro zituan bere azken ordurarteko egunak, bere senarra ill ebenagaitik eta Euskal-Erri maiteagaitik erregututen. Maillarik mailla gauza on guztietan goren-goreneraiño igon eban; bapildeko buru izan zan berrogei urtean, eta bere alaba eta mendeko guztiai milla onbide erakutsita gero, zeruetan sartzeko eukan gurari andi gozo gozo batek ill eban Auñemendiko Lorea, 687-garren urtean, 74 urte zituala. Bere bitartez Iaungoikoak egin zituan mirariakgaitik, Elizeak, Riktrudis il-tzanetik urte batzuetara, Altaretan ipiñi eban, eta euskaldun askok done Riktrudisen izena iakiñ ez arren, Prantzia eta Beljikatarrak ezagutu eben antxiñetatik zenbateraiño dakian zeruetatik lagunduten, eta bere izenaren onoregarritzat eliza bat eta beste baiño geiago iaso zituen. XXI – GUENA Ara nik ikusi eta ikasitako gauzak esan, irakurlea. Baiña badatik zerbait geiago iakin naian egongo zarana, eta zuri deutsudan begiruneagaitk albistetxu batzuk geiago emon gura neuskizuz. Amando iauna onkaiz bete-beterik, Riktrudis baiño iru urte lenago ilda ioan zan Iaungoikoagana, Euskal-Errian, kristiñauak asko ugaritu zirala ikusita gero. Auñemendin bake osasungarriaren argi ederra agertu zan noizbaiten, Riktrudisen arrenari eskerrak; eta Portun, emakume donea azkenengo ikusi ebanetik laster bere erruak ezaguturik, kristiñau egin zan, eta arako don Pablo baten gizara, zar-zarra zala bere, erririk erri ebillen Iesukristoren legea zabaltzen, bere gaztetako gaiztokeri guztiak autortuaz. Riktrudisegaz gura eban bizi zeruetan. Lope Nagi errukarria, moskor andi baten ostean sormiñak io eta izan, berbarik egin baga. Adalbaldo prankotarra eta bere seme alaba Mauronto, Clotsenda, Eusebia eta Adalsenda, laurak, bizitza on baten bitartez eriotza on batera eldu ziran, eta zeruan daukaguz oraiñ gure bitartekotzat. Euskaldun guztiok an gertau gaitezala. Baiña ez daigun aztu euskaldunak garala esanda beste barik ez garala zeruetan sartuko.
booktegi.eus PATXI SAEZ BELOKI elefantea ikusi Artikuluak eta gutunak AURKIBIDEA Elefantea ikusteko betaurrekoak Elefantea ikusi Aitormena Irakurlearentzat ohar eta jakingarriak Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia Funtsean ados Gazteenak dira, beti, euskararen erabilerarik altuena dutenak Multifaktoriala da gure ajeen panorama soziologikoa Lan-munduari merezi duen arreta jarri behar zaio Lan-munduan egin litekeena ez da makala Elefantea hortxe, eta ikusi ez Aurrera! ez zaitez isilik geratu, mesedez! Erremedioan sakontzen Elite ekonomikoa euskalduntzea behar-beharrezkoa da Ezinezkoa da gaitasun komunikatiborik garatzea hiztun-komunitaterik gabe Gizarte euskaldun gero eta indartsuago batek bakarrik lortu lezake lan esparrua (ere) euskalduntzea Zergatik ez ahalegindu? Zaila delako? Diagnostikoan arrazoi Patxi Saezen elefantea Euskararenurregorri Hurrengo 30 urteetarako hizkuntza plan sendo eta zehatz bat behar dugu Gaia estrategikoa zaigu Lan munduari merezi duen garrantzia Lan-mundua euskalduntzea problema nagusietako bat Etorkizuneko erronka nagusiak finkatzeko ekarpen kualifikatua Aldi aldaketa alde izan dezagun Euskara erdigunean jarrita: sinple bezain gaitz. Elefantea familia barneko hizkuntza-transmisioa da Elefantea ikusi barik, "elefantea entzun" egin behar da Iraultzailea da enpresei pizgarriak eta hobariak ematea Norbanakoen motibazioan eragiten asmatzea Euskara eta lan mundua. Bost ondorio eta ohar bat. Lan mundua Lan mundua "elefantearen" ondorioa da Aro berri bat bere protagonisten bila Etorkizun-ikuspegiaren aldetik ilunaldi moduko batean gaude Ez dute inoiz utziko euskarak lehentasuna izatea Euskararen minbizia: euskaldun gehienak erdaltzaleak dira Erdatzaletasunaren iturriak Gaztelaniaz bizitzea da eguneroko errealitatea Iruzkinak elefanteari begira Ausartegia litzateke arazo nagusia lan munduan dagoela esatea Orain arteko paradigmari begiratu kritiko bat emateko garaia Lan-mundua euskararen historia sozialaren mugarri bat Elefanteak ere mugitzen dira Euskara normaltasunez eta baikortasunez bizitzea funtsezkoa Dugun egoera "defizitario" hori ez da monolitikoa, pitzadurak ditu Lan-munduak du hizkuntza-boterea: alferrik gabiltza hezkuntzan bakarrik indarrak ipintzen Elefanteak non diren Begirada eta itaun berria Elefantea mugituko duen palankaren bila Hizkuntza Politika eraginkorra behar da Euskarak euskal gizartean merezi duen tokia berreskura dezan Euskararen garapen iraunkorraren bila Suak du burdina frogatzen…. Erabakiaren aroa ireki da Euskara eta kapitalismoa Elefanteak eta bestelako fauna Garia eta garagarra Urrats garrantzitsuak emateko gogoa badago Godzilla Nor gara, egiten duguna izateko? Zergatik asmatu behar dugu asmatuta dagoena? Beharra da agerikoa Patxi Saezen "Elefantea ikusi" artikulua dela eta Egungo gazteak, euskal hiztun osoak? Euskaldun osoen belaunaldia Denen inplikazioa behar da lan mundua euskalduntzeko neurriak erabaki eta aplikatzeko Lan munduaren euskalduntzea, aukera bat da euskalgintzarentzat ere bai Iraultza zientifiko bat behar dugu Euskaltzaindiak euskara biziberritzeko erronkak aztertuko ditu otsailean egingo duen mintegi batean % 80 baino gehiago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin ados Elefantea(k) Elefantearen paradigma ikusi Elefantearen paradigma proposamena. “Iraultza zientifiko bat behar dugu” Euskara beharrezko bihurtu. Beharra bizilege Elefantea, autoritatea, zorua eta beste. Egundoko ekarpena. Elefantea gidari ona da. Paradigma berriaren osagai funtsezko batzuk. Une egokia izan daiteke euskalgintzak hurrengo urratsak emateko Euskararen errota Zutabeek etxeari eutsi gabe teilaturik ez, edo lan-munduaren garrantziaz Hizkuntza-normalizazioa zer den Normaltasuna eta boterea Logosa: hitzaren boterea Normalizazioa, boterea berreskuratzea JAKIN, “Administrazioko euskara planez haratago. Begirada berri bat Osakidetzako Planaren ebaluaziotik” Inkisizio berria Euskararen biribilgunean Hizkuntz politikaren porrota eta euskararen etorkizuna Beharra da giltza Elefantea ikusteko betaurrekoak Zoologikora joanez gero, elefantea, nonbait, ikusi behar, teorian, behinik behin, oztopo gehigirik gabe, handia baita gorputzez eta ibileraz. Guk ere, modu berean, euskararena erraz antzeman behar, gurean nabarmena baita haren presentzia. Eta hala ere, ekin eta ekin, elefantea ikusi nahi eta ezinean, galdu egiten baikara txikikerietan eta ñabarduretan. Hori da, izatez, Patxi Saez Beloki soziolinguistak eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordekideak proposatzen diguna, bera, zorriak barik, elefantea egoki ikusteko betaurrekoen bila baitabil, han eta hemen galdezka. Galdeketa horretan, Patxi Saez Belokik euskararen inguruko hainbat aditu, ekintzaile eta euskaltzale bildu ditu bere inguruan eta horietako bakoitzari bere iritzia eskatu, euskararen etorkizuna dela-eta. Hitz batez esateko, bakoitzari eskatu eta galdetu diona horixe da, izan ere, euskararena, alegia, elefantea ikusteko zein betaurreko mota erabiliko lukeen delako pertsona horrek eta horren ondorioz, partekatze lan baten bidez zer ikasi eta zer ikusi dezakegun guztiok. Galdetu ez ezik, bildu ere egin ditu erantzunak eta orain gogoeta horiek eskaintzen ditu oso-osorik, euskararen etorkizunak sortzen dituen/dizkigun kezken seinale eta lekuko. Lekukoak lekuko, pluralak dira diagnostikoak eta konponbideak eta batzuetan Patxiren ildokoak ez badira ere, beste batzuetan xehetasunez beterik datoz. Hartara, hortxe daude argitalpen honen meritu nagusienetarikoak: batetik, iritzi trukaketa zabala izatea gai hori jorratzen dutenen artean, talde esanguratsua biltzen dela horren inguruan; bestetik, horien ekarpenak islatzea, hurrengo urteetan egin beharreko euskararen mesederako hizkuntza politika eragingarriago baten esperantzan. Beharbada, hortxe dago gakoa: hitzetatik ekintzetara iragan beharrekoa, modu bateratu batean jokatzeko gai izan gaitezen. Horretan ere, zer esanik ez, bada Euskaltzaindiaren erantzukizuna, sortzetik datorkiona eta hizkuntza politika egiten dutenen gertu egoteko eta euskararen herrialdeetan euskalgintzan ari direnengandik hurbil jokatzeko agindua ekartzen diona, betiere, gizartearen premiak asetzeko gogoarekin. Ondotxo daki hori Patxi Saez Belokik eta horrexegatik, besteak beste, Euskaltzaindiaren Sustapen batzordekide ari da lanean azken urteotan. Arean ere, euskararen mesederako lan instituzional hori, adostasunean oinarri duena, sarri askotan neketsuagoa da berehalako aldarriak baino. Horrexegatik da eskertzekoa argitalpen hau: aldarri hutsetatik harago, ekintzetarako bidea ematen duelako, egunerokotasunean egoki txertatuta. Suak frogatzen du burdina. Halaxe dio erran zaharrak, halaxe ere, diot nik, hurrengo urteetan Euskaltzaindiak frogatu beharko baitu, ororen gainetik, gai dela euskaldun gizartearentzat onuragarri eta baliagarri izaten eta euskararen herrialdeetan ari diren erakunde publiko zein pribatuekin batera taxuz jokatzen, euskararen aurrerakuntzarako bidean. Horretarako tresna aparta da argitalpen hau. Zorionak eta goresmenak Patxi Saez Belokiri eta hurrengoetarako engaiamendua, honelako betaurrekoak beharrezkoak baitira euskararen elefantea ikusteko eta, zer esanik ez, geure buru euskalduna ere beste molde batez ulertzeko. Andres M. Urrutia euskaltzainburua Elefantea ikusi Hizkuntza Planifikazioak, eraginkorra izateko, problema nagusia aurkitu behar du. Gurera etorriz, non daukagu jarria euskararen planifikazioaren iparrorratza? Euskalgintza lanbide dugunok ez ote gabiltza, han-hemenka, neurri handiagoan edo txikiagoan, geure barrutian, geure txokoan, buruz gain lan, denak emanda, eta, hala ere, iritsi ezinik? Zendu berri zaigun Joshua A. Fishman soziolinguista handiak ere halatsu esanda utzi digu: “Problema txikiez ardura zaitezke, problema nagusia ikusi gabe. Hori izango litzateke zoologikora joan eta bakarrik zorriak ikustea, elefantea ikusi gabe” (1). Euskararen azken pizkunde aldia Azken 50 urteak euskararen pizkundearen aldi bat izan dira. Oso aldi emankorra. Pizkunde aldi horrek euskararen corpus plangintzan du abiaburua. Pizkunde aldi horren lehenengo mugarria euskararen batasuna dugu. Ondoren, euskarazko irakaskuntza antolatzea etorri zen. Euskara batuaren sorrerak eskolaren lana ikaragarri erraztu zuen euskara bat eta bakarra irakastea ahalbidetu zuelako. Gure hizkuntzan ardaztutako irakaskuntza hutsetik abiatu zen, euskararen irakaskuntza debekatuta baitzegoen XVIII. mendetik. 1976-77an, Euskal Autonomia Erkidegoan, irakaskuntzaren sektore publikoan, irakasleen %5 bakarrik zen euskalduna, gaur egun, %85. Lehen hezkuntzan, gaur egun, erabatekoa da euskararen zabalkundea. Eskola libururik ere ez zegoen orain 50 urte, gaur egun, euskarazko 17.500 ikasmaterial daude katalogatuta (2). Azken bost hamarkadetan euskararen kulturgintzak ere loraldia ezagutu du: liburugintzak, antzerkigintzak, diskogintzak, bertsolaritzak... Kulturgintzarena bezalaxe, azken mende erdian, hedabideen kimatzea eta ernetzea ezagutu dugu: irrati, telebista, prentsa eta, bereziki, sareen sarean euskararen hedapena eredugarria izan da. Munduko hizkuntzen %5 besterik ez da erabiltzen Interneten, eta horietako bat euskara da. Sareko nabigazio hizkuntzen artean 44. posizioa du euskarak. Wikipedian 204.000 artikulutik gora daude euskaraz, eta 34. postuan dago euskara sareko entziklopedia horretan, Europako Batasunean ofizialak diren 11 estatu hizkuntzek baino artikulu gehiago ditu euskarak (3). Baina, zalantzarik gabe, euskarazko irakaskuntza izan da azken 50 urteotan euskararen berreskurapenaren tresnarik garrantzitsuena. Azken 30 urteotan euskarak 300.000 hiztun irabazi ditu. Horietatik guztietatik eskolak 200.000 lortu ditu, gainontzeko 100.000ak helduen euskalduntzetik etorri dira. Gaur egun, EAEn 20 urtetik beherakoen artean, %70 baino gehiago dira euskaldunak, eta duela 30 urte ez ziren %20ra iristen (4). Euskarazko eskola etorri arte, euskaradunen aurreko belaunaldiek, ahoz ahoko katean ikasten zuten gure hizkuntza, baina ez ziren gai euskaraz irakurtzeko eta idazteko. Euskarazko eskolak aho-idatzizko gaitasun betea duten lehendabiziko hiztun osoen belaunaldiak eman ditu azken 50 urteotan: euskararen historian beste mugarri bat jarri du euskarazko eskolak. Euskararen ajeak Pauso asko eta handiak eman ditu euskarak azken 50 urteotan baina oraindik aje asko dauzka, hutsune ugari. Euskara, gaur egun, 800.000 hiztun izatera iritsi da. Sekula baino hiztun gehiago ditu baina erabileran herren egiten du. Euskara euskal gizartearen bigarren hizkuntza bihurtu da. EAEn, 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (%58) euskaldun berriak dira, alegia, bigarren hizkuntza euskara dute. Eta bidegurutze horretan gaude: erabaki egin behar dugu euskara ama-hizkuntza bezala iraun dezala nahi dugun ala ez. Beste aukera bat da euskara belaunalditik belaunaldira bigarren hizkuntza bezala iragan dadila. Gaur egungo belaunaldi gazteek, batik bat inguru zeharo erdaldunduetan euskara bigarren hizkuntza gisa dutenek, euskara eskolako hizkuntza nagusi gisa ikusten dute baina eskolatik kanpo, neurri handiagoan edo txikiagoan, euskara desagertu egiten da/dute bere eguneroko bizimodutik, salbuespenak salbuespen. Euskara bigarren hizkuntza duten euskaldunen erdiak (%49,3) EAEko sei udalerri handienetan bizi dira, hots, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Getxo, Irun eta Barakaldon. Lau euskaldunetatik hiru baino gehiago euskaldun berriak dira Barakaldon eta Gasteizen, eta erdia baino gehiago Bilbon, Getxon eta Irunen. Donostian euskaldunen %41,9 dira euskaldun berriak (5). Bilbo dugu, esate baterako, kopuruari dagokionez, munduan euskaldun gehien bizi den hiria (78.727 euskaldun) (6), baina euskararen kale erabilera %3,2koa da, atzerriko beste hizkuntzen kale erabilera, aldiz, euskararena baino handiagoa da Bilboko kaleetan: %3,7 (7). Orain urte bi, Bilboko kale batetik aita-alabak elkarrekin zihoazen eta aita alaba txikiarekin euskaraz ari zen. Haien ondotik neskatila bat igaro zen orduan. Neskato hark, nonbait, eskolako irakasleei bakarrik entzuten zien euskaraz egiten eta, aita hori, aita ez, baizik eta, irakaslea izango zela pentsatuz, horrela esan zion: “Eskolan ez bagaude zergatik hitz egiten diozu euskaraz?” (8). Euskaraz bizi Egunak dituen 24 orduak bana ditzagun hiru zortzikotan: zortzi ordu lo egiteko, zortzi lanerako eta zortzi ordu otordu, familia eta lagunarterako. Euskaraz bizitzea baldin badugu azken helburua ezinbestean lantokiei erreparatu behar diegu, izan ere, esna egiten ditugun orduen erdiak lanean egiten baititugu. Euskaraz bizi nahi badugu lan mundua irabazi beharra dugu euskararentzat. Gaur egun euskararen historiako gazteriarik prestatuena eta euskaldunena iristen ari da Euskal Herriko lantokietara eta, tamalez, eskolak euskaldundu duena lan munduak erdaldundu egiten du. Gazte euskaldun horiek erabat erdaraz funtzionatzen duen lan munduarekin egiten dute topo eta egokitu egiten dira erdal mundu horretan aurrera egiteko, ordura arte euskaraz egindako ibilbide guztia alde batera utzita. Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak. Horixe dugu, gaur-gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia. XXI. mendearen hasiera honetan euskarak lanerako hizkuntza gisa duen balioa hutsaren parekoa da. Euskal Autonomia Erkidegoan 177.000 enpresa edo lan-erakunde daude (09). Horietatik guztietatik, azken 17 urteetan, %0,2k, 386 entitate ezberdinek, jaso dute, 1997-2014 urteetan, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza lantokietako euskararen erabilera-planak garatzeko (10). Beste datu bat emate aldera, Eusko Jaurlaritzak eta Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak 2008. urtetik kudeatzen duten Bikain ziurtagiria jasotako erakundeak, guztira, 188 (%0,1) dira eta horietatik lana euskaraz egiten dutela egiaztatzen duen goi mailako edo urrezko egiaztagiria 78k (%0,04) daukate (11). Beste horrenbeste gertatzen da Kontseiluak 2000. urtean sortu eta 2007tik Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak kudeatzen duen Bai Euskarari Ziurtagiriarekin: guztira, ziurtagiridun erakundeak, 1.355 dira Euskal Herri osoan, Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, 839 (%0,4) eta, horietatik, Zerbitzua eta lana euskaraz maila daukatenak 152 (0,08) (12). Beraz, datuek begi bistan uzten dute euskarak, laneko hizkuntza gisa, estimazio eta balio eskasa duela euskararen lurraldeko enpresa edo lan-erakundeetan. Euskara, eskolan ez bezala, lantokietan nagusi ez izateak bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du gizartearentzat. Familiek seme-alabak, txiki-txikitatik, etorkizunerako prestatzeko bidean jartzen dituzte, seme-alaba horiek handitzen direnean bizimodurik bikainena eta lanposturik onena izan dezaten nahi dutelako. Etengabeko prestakuntza horretan euskarak garrantzi txikia du, prestigio txikia du, izan ere, herri-administrazioetako lanpostu batzuetan izan ezik, euskarak ia presentziarik ez duelako, edo oso presentzia eta garrantzi txikia duelako, ekonomiako sektore gehientsuenek sortzen dituzten lanpostuetan. Beste kontu bat izango litzateke, lanpostu bat lortzeko euskara behar-beharrezkoa balitz. Orduan, bai, gizarteak arreta osoa jarriko luke euskara ikasteko eta erabiltzeko, ahalik eta ondoen ikasi eta erabiltzeko, gainera. Baina nola lortu hori? Hizkuntza plangintzarik eraginkorrena Hizkuntza plangintzarik eraginkorrena egiteko aukeraren jabe da euskara, herri eraketa duelako. Herri egiturak eta erakundeak dituelako eta, neurri txikiagoan edo handiagoan, herri egitura eta erakunde horien aginpidea ere hiztun komunitatearen kideengan dagoelako. Hala ere, maila horretako hizkuntza plangintzak, abian jarri baino lehen, botere-egituren erabakiak behar ditu. Agintariek erabakiak hartu behar dituzte. Joshua A. Fishman-ek esan bezala, “Akordio politikorik gabe, hizkuntza plangintza noraezean doa, han-hemen gauzatxoak eginez, baina ondorio sakonik gabe; agintariek ez dutelako zehazki definitu problema zein den edo lehentasuna zeri eman. Zenbat eta adostasun falta handiagoa agintari politikoen artean, hainbat eta gutxiago egin dezake hizkuntza politikak” (13). Ados baldin bagaude, euskararen “elefantea” edo problema nagusia sektore ekonomikoan dagoela, lehen-lehenik, zera hartu behar dugu kontuan: sektore ekonomiko guztien motorra, hemen eta munduko beste edozein bazterretan, dirua dela. Enpresek dirua dute bere jardueraren arrazoi eta helburu bakarra. Hortaz, enpresak limurtu nahi baditugu dirua erabili beharrean izango gara, gure hizkuntza politika eraginkorra izatea nahi badugu. Euskarari lantokietan sarbidea eman nahi baldin badiogu, agintari politikoek enpresei diru-pizgarriak (14) emateko erabakia hartu behar dute. Eta, horrekin batera, jakina, lan munduko eragile guztiak ere artikulatu egin beharko dira euskararen norabidean jartzeko (sindikatuak, patronala, langileria, euskalgintza eta gizartea bera). Diru gehiago irabazteko aukeraren aurrean bakarrik mugituko dira enpresen botere egituretatik euskarari sarbidea ematera, beraz, diru-pizgarri horiek enpresak euskarari sarbidea ematera mugiarazteko adinakoak izan beharko dute, bestela, kale egingo dugu gure azken helburuan, alegia, erranairuak dioen bezala, “xuhurraren patrikak bi zulo”. Kontu honetan ere, gero eta hobari handiagoak enpresarentzat, orduan eta akuilu handiagoa eta zorrotzagoa euskara azkarrago txertatzeko enpresaren egituran. Zalantzarik ez dago ikerketak egin beharko direla jakiteko hizkuntza plangintza eraginkorra izate aldera diru-pizgarriak nolakoak eta norainokoak izan behar ote duten enpresentzat. Eta ez hori bakarrik: ikertu, aztertu eta erabaki egin beharko da zeren truke emango diren diru-pizgarri horiek. Euskararen Bikaintasunaren Goi Mailako agiri ofiziala, edo besteren bat, lortu behar ote den; eta agiri horren lorpenerako zein baldintza bete behar dituzten enpresek diru-pizgarrien jabe egiteko. Nere iritzi apalean, bat eta bakarra izan beharko luke baldintzak: enpresak, goitik behera eta behetik gora, euskaraz funtzionatzea, lanpostu guztietarako euskararen eskakizuna derrigorrezkoa izanda, gaur egun, gaztelaniarekin gertatzen den bezalaxe. Aldaketarako erresistentziak Irudika dezagun hizkuntza planifikazioan asmatu egiten dugula eta enpresek, dituzten lanpostuetarako, euskara derrigorrez eskatzen hasten direla. Horrek gizarte aldaketa erabatekoa ekarriko luke. Euskara gaur egun gaztelania dagoen gizarte bizitzaren erdigunera ekarriko luke, lehen mailako gizarte hizkuntza bihurtuko luke. Baina, jakina, gizarte aldaketa guztiek erresistentziak dituzte, gizatalde batzuek beren estatusa aldatu nahi ez dutelako. Joshua A. Fishman-ek esanda utzi digun bezalaxe: “Herri hau euskalduntzen bada, eliteak aldatuko dira. Oraingo eliteek, lanpostu onak dituztenek, boteredunek, botere hori konpartitu edo galdu beharko lukete, botere hori gaztelaniaren bidez lortu eta mantentzen dutelako. Beren bizimodua espainolez zertu da eta beren nortasuna gaztelania da; gaztelaniaren erabilera zehatzean oinarritzen da. Orduan, eliteen aldatzeak erresistentzia ekarriko du, eta erresistentzia hori gatazkaren arrazoia izango da” (15). Diru-pizgarriak emateko neurri horiek, gainera, goiz edo berandu, euskararen egoera “horrela” normalizatzearen aurkakoen mamuak haizatuko dituzte. Batik bat erabiliko duten argudio nagusia dirua harrika botatzearena izango da: nola litekeen horrelako diru-zakukadak xahutzea, diru horri beste probetxu bat atera dakiokeenean?. Horrelakoei Anjel Lertxundiren hausnarketa jar dakieke mahai gainean: “Nola berdintzen da hizkuntza baten debekuak eragindako kaltea? Deskalabroak badu erreparaziorik? Euskarara nator: esan liteke, esan ohi den bezala, administrazioak diru gehiegi gastatzen duela hizkuntzaren sustapenean, hizkuntza horri inolako erreparaziorik egin ez zaionean mendetan, erregimen desberdinetan, diktaduran sufritutako debeku eta pertsekuzioarengatik?” (16). Eskolarik gabe ezinezkoa dugu euskararen berreskurapen osoa lortzea, baina eskolarekin bakarrik ere guztiz ezinezkoa izango dugu. Eskola bezalaxe lan mundua ere giltzarri dugu euskararen berreskurapen osorako. Askori, beharbada, burugabea eta egin gaitza irudituko zaio lantokietan euskarari sarbidea ematea diru-pizgarrien bidez. «Ideia sorburuan zentzugabea ez bada, ez du merezi» esan zigun Albert Einsteinek. Thomas Fuller Ingalaterrako erregearen kapilauak ere hala ziotsan: «Erraza izan aurretik dena oso zaila da». Ez dezagun ahaztu euskal eskolarekin ere berdin gertatu zitzaigula, baina, euskal eskolatik sortutako erranairuak dion bezalaxe, «ezina ekinez egina», izan ohi da. Kontua ez da zer gertatzen zaigun, bai, ordea, gertatzen zaigunarekin zer egiteko gai garen: Nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean?. Orain 50 urte euskarak Euskara Batuaren atea zabaltzea lortu zuen, besteak beste, Txillardegi izeneko gazte ausart bat ate joka ibili zelako. 50 urte geroago Euskarak lantokietako atea irekitzeko premia gorria du. Artikulu honek, ate horretan kas-kas egin nahi du ausardiaz, baina, irekitzekotan, euskaltzaleen ekimen sutsua eta gizartearen onarpen zabala ez ezik, botere egituren erabakiak ere beharko dira, ate hori euskararentzat irekiko bada. (PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendaria da) Oin-oharrak: (1) ZUTABE 15 (1987), Joshua Fishman, 85-101 orr. (2) Mikel Zalbide (2014), Tribuaren Berbak, ETB. (3) Patxi Baztarrika, Euskarazko IKTak Mintegia. Bilbo, 2014ko abenduaren 17an. (4)V. Mapa Soziolinguistikoa (2011), Eusko Jaurlaritza, 91. or. (5)V. Mapa Soziolinguistikoa (2011), Eusko Jaurlaritza, 65. or. (6) EUSTAT, 2011ko erroldako datuak. (7) Euskal Herriko Kale Erabileraren VI. Neurketa (2011), Soziolinguistika Klusterra. (8)Jabi Zabala, @sarean, 2013-04-05. (09) EUSTAT Euskal Estatistika Erakundearen 2014-01-01eko datuen arabera, EAEn, 176.879 enpresa edo lan-erakunde daude. (10) Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, 2015eko martxoa. (11)Euskalit, 2015eko martxoa. (12)Bai Euskarari Ziurtagiria Elkartea, 2015eko martxoa. (13) Zutabe 15 (1987), Joshua Fishman, 85-101 orr. (14) Diru-pizgarriak diodanean, uler bedi hitzaren adieraren luze-zabalean. Zaku handi horretan sar bedi gizarte-egiturek ahalbidetzen dituzte baliabide guztiak: zergak, diru-laguntzak, hobariak... eta hori guztia ahalbidetzeko, herri-antolaketaren baitako legeak, araudiak eta abarrak. (15) Zutabe 15 (1987), Joshua Fishman, 85-101 orr. (16) Anjel Lertxundi, Kalte-ordainak, Berria, 2015-02-25. Aitormena Patxi Saez Beloki Ez dut uste artikulu hau idatziko nukeenik nire bizitzaren bidegurutze honetan aurkituko ez banintz. Medikuek sistema endokrinoaren tiroide guruinaren minbizia dudala esan didate. Ataka estu honetan, barrenak aginduta idatzi dut artikulu hau, euskararen aurrerabidean, nire aletxoa jarri nahian. Ez naiz jendaurrean azaldu zale, baina oraingo honetan, aspaldi idatzita utzi nuen bezala, azaltzeko garaia dudala iruditu zait. Azken aldi honetan, han-hemenka, eztabaida edo hizpidea sortu da, euskararen berreskurapenaren hemendik aurrerako nondik norakoei buruz. Euskaltzaleen artean galdea dabil, ondorengo urteetan-hamarkadetan hizkuntza politikak nondik jo behar ote duen, euskarak euskal gizartean merezi duen tokia berreskura dezan. Nire asmoa eztabaida horretara argi pixka bat ekartzea baino ez da izan. Beste alde batetik, artikulua idazteko asmoari lotu natzaionean, beste nahimen bat ere sortu zait, Joshua A. Fishman soziolinguista zendu berriari omenalditxo bat egitea. Horregatik txertatu ditut, nagusiki, berari ikasitakoak testuan barrena. Artikuluaren titulua ere bere pentsaeraren ardatza da: hizkuntza planifikazioan, beti, garrantzitsuenetik hasi behar da. Artikulua idatzi eta gero sinbolismoz inguratuta dagoela/nagoela ere ohartu naiz: Euskara Batuaren erditze neketsu eta luze hartako 1964ko Baionako biltzarraren urtean jaiotakoa naiz. Ikastolek sortutako euskaldun osoen lehen belaunaldikoa ere banaiz. Gainera, euskararentzat erabat sinbolikoa den herri batean, Azpeitian, dut euskararekin estuki lotutako lanbidea: Eusko Jaurlaritzak Euskal Herrian egindako azken Mapa Soziolinguistikoaren arabera, Azpeitia da 5.000 biztanletik gorako herrien artean batez beste munduan euskaldun gehien dituen herria. Euskaldunen artean, euskararekin lotutako erakunde sinbolikorik baldin badago, zalantzarik gabe, Euskaltzaindia jarriko genuke lehenengo ilaran. Azpeitia da Euskaltzaindiaren historian hiru euskaltzain izan dituen herri bakarra: Karmelo Etxegarai, Patxi Altuna eta Patxi Goenaga. 1965ean, orain 50 urte, Euskaltzaindiaren eskutik lehenengo alfabetatze taldeak sortu ziren bezalaxe (geroko euskaltegien aitzindari bihurtu zirenak), orain ia 10 urte, Euskaltzaindia ere bidelagun zela, Azpeitian zabaldu zen ELEGUNE izeneko lehenengo zentro teknikoa, enpresetan hizkuntza plangintzak bultzatzeko lehenengo zentro publikoa. Beraz, ikusten duzuen bezala, euskararentzat sinbolismoz inguratutako Azpeitiko herritik idatzitako artikulua duzue. Niretzat, pozik handiena, zuen iruzkinak jasotzea litzateke. Ea denon artean oihartzun pixka bat sortzen dugun eta euskararen ahotsa iritsi behar den tokira iristen den. Aldez aurretik, MILA ESKER. Irakurlearentzat ohar eta jakingarriak Patxi Saez Beloki Artikuluaren idazketa aurtengo, 2015eko, San Jose egunez, martxoaren 19an, amaitu dut, arratsaldeko 18:45ean. Ondoren, soziolinguistikan aditu diren 20 euskaltzaleei igorri diet beraien iritzi-iruzkinak jaso eta artikuluarekin batera argitaratzeko asmoz, baina ez ditut 20 iruzkin jaso, mordoska bat gehiago baizik. Artikulua eskuz esku, ordenagailuz ordenagailu nahiz telefonoz telefono ibili da eta, handik eta hemendik, eskatu gabeko makina bat iruzkin eta iritzi iritsi zaizkit nire postontzi elektronikora. Erabili.eus agerkari digitalaren sorreratik, orain dela 12 urteko sorrera hartatik, sekula artikulu batek ez du horrenbeste iritzi emaile izan. Iruzkin guztiak jasotako hurrenkeran daude ikusgai, iritsi diren egunaren data eta orduarekin. Iritzi emaile eta iruzkingileak euskaltzale peto-petoak ditugu guztiak, kastakoak, euskara bihotz-erraietaraino maite duten euskaltzale ekintzaileak. Ez nolanahikoak, gainera, hizkuntza gizarteratzeko kontuetan jantziak. Euskarak ez du sekula izan horrelako euskaltzale jende jantzia. Egin dituzten hausnarketa zorrotzek beraien gaitasunaren berri ematen dute: artikulua aberastu eta borobildu egin dute, artikuluan aipatzen diren hainbat alderdi sakonduz eta argituz. Baina, orotan garrantzitsuenak euskararen aurrerabiderako egiten dituzten proposamenak dira. Beraz, artikulua ez ezik iruzkinak ere irakurri beharrekoak dira elkarren osagarri direlako. Nire artikuluak puntua jartzen du eta iruzkingileek, berriz, bertso bikainak borobildu dituzte. Euskararen hizkuntza planifikazioak bene-benetako ardura sotzen du euskaltzaleen artean eta ardura hori agerian geratu da, berriz ere, oraingo honetan. Euskararen berreskuratzeak hemendik aurrera egin beharreko ziklo luzeak zein bide-mapa jarraitu behar duen da kezka iturri euskaltzaleen artean. Hemen jorratutako gaiak euskararen aurrerabiderako duen garrantzia eta euskaltzaleen artean sortu duen arreta ikusita, denon aurrean, hemen eta orain, publikoki, konpromisoa hartzen dut, beste pauso bat emateko bide horretan. Nik, nagoen tokitik, dezakedantxoa egin dut, hemendik aurrerakoak, berriz, ur handitako lanak dira, ni bezalako arrain txikiarentzat ezinezkoak. Horregatik arrain handiagoei emango diet euskaltzaleen artean hemen sortutako eztabaida bideratzeko eginkizuna. Nik, berriz, egoki ikusten badute, beraien aginduetara jarriko naiz, nolabaiteko laguntza eskain niezaiekeela uste badute. Euskaltzaindia da euskarak duen erakunde garrantzitsuena, horregatik, bere 100. urteurrenaren atarian Biltzar edo Kongresua antolatzeko eskaria doakio hemendik, ondorengo 30-50 urteetako euskararen estatusaren plangintzaren oinarri eta jarraibideak finka eta proposa ditzan. Honaino iritsita azken eskari bat besterik ez Euskaltzaindiari: Arantzazuko 1968ko Biltzarra antolatzeko Txillardegiri emandakoak baino «luzamendu eta neke» gutxiago emateko oraingo honetan. Txillardegiri, berriz, hauxe esango nioke: «katea ez da eten, zure izpirituak, euskaltzaleen artean, bizirik dirau». Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia PatxiSaezBeloki Andres Urrutia, euskaltzainburujaunagurgarria: Zuregana zuzentzen naiz, Andres, Euskararen Akademiaren aginte makilaren jabe zarelako eta Zuzendaritza Batzordearen buruzagitza duzulako. Lehenik eta behin, bihotz bihotzez eskertu nahi dizut zure astia eskutitz hau irakurtzen erabiltzea, izan ere, denbora eta osasuna baitira, bizi artean, ezari-ezarian, ohartzeke, urritu eta murriztu ohi zaizkigun ondasunik preziatuenak. Badirudi, euskarak egin beharreko bideari dagokionez, euskaltzale jendearen artean kezka handia dagoela nondik jo behar ote dugun horretan. Euskaltzale mordoska bat gara euskararen berreskuratzeak ondorengo urte-hamarkadetan egin beharreko ziklo luzearen nondik norakoak kezkatuta gaudenak eta uste dugunak oraintxe dela unea eztabaida hori hauspotzeko eta gizarteratzeko. Oraintxe dugu une historiko egokia euskararentzat dinamika berri bat sortarazteko. Azken helburua euskararekin gaur egun dauden inertziak aldatzea eta iraultzea litzateke, Euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekartzea litzateke, euskara gizartearen bigarren hizkuntza izatetik gizartearen hizkuntza nagusi bihurtzeko dinamika berria abian jartzea proposatu nahi dizut. Euskara da euskaldunon aberria. Euskarak egiten gaitu: dagiguna gara. Euskarak elkartu egiten gaitu. Euskara oso elementu trinkotzaile eta indartsua da euskaldunon artean. Euskal Herriko gizarteak, nire ustez, aisa bultzatuko luke Euskararen Herrian euskaraz bizi nahi duten herritarrak bereizkeriaz diskriminaturik dituen inertzia hausteko dinamika berri bat abian jartzea. Proposatu nahi dizudan dinamika berriaren erdigunean Euskaltzaindia dago. Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakunde nagusia. Gainera, erakunde neutrala eta zabala da, alderdikeriarik gabekoa eta, batik bat, euskal gizarte osoaren onarpena eta aitortza duena. Ondo baino hobeto dakizun bezala, Euskaltzaindia 1918an sortu zen eta Euskaltzaindiaren 50. urteurrenean, 1968an, egin zen Euskara batu edo estandarizatu zuen Arantzazuko Biltzar Nagusia, eta harrezkeroztik, azken 50 urteotan, Euskararen Corpus Plangintza egin du Euskaltzaindiak, batik bat. Euskaltzaindia, aurki, 2018an, mendeurrena betetzear da. Euskararen aro berriari hastapena Euskaltzaindiak antolatuko lukeen Mendeurreneko Batzar Nagusiak emango lioke, oraingo honetan, Status Plangintza egiteko, alegia, ondorengo 25-30 urteko ziklo luzean jarraitu beharreko gizarte-dinamikak zehazteko eta nondik norakoak finkatzeko eta erabakitzeko, beti ere, euskara gizarteko hizkuntza nagusi bihurtzeko jomugarekin. Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horretan erabakitzen den bide-orria guztiz akademikoa litzateke, guztiz teknikoa, 1968ko Batzar Nagusia Euskararen Batasunarena izan bazen, oraingo hau Euskararen Erabilerarena izango litzateke. Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea: bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera pasatzeko, gune euskaltzaletatik gizarte osora zabaltzeko, azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko. Euskaltzaindiak hizkuntza akademia klasikoen Corpus Plangintza lantzeaz eta garatzeaz gain Status Plangintza lantzeari ekin beharko lioke bere lan esparrua zabalduz eta berrituz, beti ere, euskararen etorkizunaren mesederako, izan ere, Albert Einsteinek ziotsan bezala «Emaitza aldatzea ezinezkoa da beti berdina eginda». Berrikuntza eta garapenerako beldur guztiak uxatu behar direla ere zioen Einstein jaunak:«Inoiz hutsik egin ez duenak, ez du sekula ezer berririk egiteko ahaleginik egin». Etxekalte jokatuko genuke euskarari mesede egiteko aukera esku-eskura izan eta ausardia faltaz helduko ez bagenio. Eutsi diezaiogun Txillardegiren espirituari! Hauxe eskatu nahi dizut, Andres: mesedez, eraman ezazu proposamen hau Euskaltzaindiaren Osoko Bilkurara sakonetik aztertua izan dadin eta euskaren etorkizuna irabazteko bide berriak zabal daitezen. Euskarak aurrera egiteko, gaur gaurkoz, lidergoa eta estrategien antolamendua behar ditu. Euskaltzaindia ur horietan zaildutako mariñela dugu. Lehen egin zuen eta orain ere egingo duela ez dugu zalantzarik. Aldez aurretik, esker mila, bihotz bihotzez. Funtsean ados Iñaki Martínez de Luna Arretaz irakurri dut eta funtsean ados nago. Adostasun horren barruan bi ideiak ez ditut ongi kokatzen; horietako batek, gainera, artikuluaren tesia airean jartzen du: 1) Hauxe diozu: "Gaur egungo belaunaldi gazteek, batik bat batik bat inguru zeharo erdaldunduetan euskara bigarren hizkuntza gisa dutenek, euskara eskolako hizkuntza nagusi gisa ikusten dute baina eskolatik kanpo, neurri handiagoan edo txikiagoan, euskara desagertu egiten da/dute bere eguneroko bizimodutik, salbuespenak salbuespen." Hori, egia izanda ere, irakurketa mugatua da, nire ustez. Adibidez, Iñaki Iurrebasok idatzitako artikuluko 112. orrialdean ikus daiteke gazteak direla, aintzat hartutako eremuetan, erabilera altuena dutenak. Zergatik zigortu -gazteak eta geure burua- gutxi egiten dutela hainbat lekutan errepikatuz? Zergatik ez gehitu gazteek, mugak muga, belaunaldi helduek baino gehiago erabiltzen dutela? Egia da, adibidez, unibertsitateko euskal adarreko askok gehienbat erdaraz ari direla, baina horien guztien gurasoek eta izeba-osabek? Beti egoeraren alderik ilunena azpimarratu beharra dago? Beldur naiz, martxa honetan bat baino gehiago frustrazio betean bukatuko ez ote duen, "hainbat ahalegin eta alferrik" edo halako zerbait pentsatuz. Bestalde, euskalduna izatea maila kognitiboko (ezagutza) gertaera hutsa ulertu partez, sozializazio zabalagoa bezala ulertzen badugu, "euskaraz jakiteak ez luke berez ekarriko euskalduna izatea". Izan ere, hizkuntza komunitate bateko kide izateko ezagutza ez ezik, behar da ere balioak, portaerak, jokamoldeak, atxikimendua, identifikazioa eta abarrak barneratua izatea. Ideia hori ondorioztatu zen, adibidez, Arrue ikerlerroan, 2011ko neurketan: "7. ondorioa: Hipotesia bete da. Arestian mahaigaineratu den Zenbat eta osatuagoa euskararen sozializazioa ikasleengan, hainbat eta handiagoa hizkuntza horren erabilera hipotesia egoki gertatu da ikerlan honen datuen argira. Hortaz, eskolako euskararen erabilera areagotzeko hizkuntza-sozializazioaren baitako funtzio edo dimentsioak euskararentzako egokiago bihurtzea da gakoa. Bide horretan eskolako, familiako eta gizarte hurbileko eragileak funtsezkoak dira, horiek ezarritako sozializazio-baldintzak direla medio. Hizkuntza-sozializazioa indartuz gero, baliteke euskararen erabilera eskolako eremuan ez ezik beste gizarte arlotan ere handitzea. Horrela gertatuz gero, hizkuntza horren normalizazioan beste pauso bat gehiago emango litzateke." ( Martínez de Luna, I. (2014)). Euskara EAEko hezkuntza sisteman: irakurketa soziologikoa. Ikasleak Hiztun. 2011ko Arrue Proiektua. Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritza eta Soziolinguistika Klusterra (121-133). Alegia, gehienak sozializatu diren baldintza erdaldunetan, atipikoa eta ulertezina litzateke euskararako joera nagusi izatea haiengan. Bestela, ados nago: gazte jendeari gizarte baldintza euskaldunagoak eskaini behar dizkiegu, euskaraz erdizka sozializatuta izanik, hezkuntzan lortu dutena galdu ez, baizik eta aurrerapausoak ematen jarrai dezaten. 2)Hauxe da kezka piztu didan beste ideia: "Beste kontu bat izango litzateke, lanpostu bat lortzeko euskara behar-beharrezkoa balitz. Orduan, bai, gizarteak arreta osoa jarriko luke euskara ikasteko eta erabiltzeko, ahalik eta ondoen ikasi eta erabiltzeko, gainera. Baina nola lortu hori?" NOLA LORTU HORI da gakoa, nire ustez. Erantzuna zure artikuluan bertan dago: "Joshua A. Fishman-ek esan bezala, “Akordio politikorik gabe, hizkuntza plangintza noraezean doa, han-hemen gauzatxoak eginez, baina ondorio sakonik gabe; agintariek ez dutelako zehazki definitu problema zein den edo lehentasuna zeri eman. Zenbat eta adostasun falta handiagoa agintari politikoen artean, hainbat eta gutxiago egin dezake hizkuntza politikak” Beraz, lan-munduak duen erabateko garrantzia onartuta, horretan eragiteko behar den palanka oinarrizko adostasun politikoan bilatu behar da. Beno, Patxi, konfiantzan eta sano-sano egindako gogoetak dira. Poztuko nintzateke balekoak balira! Agur bero bat eta nahi duzun arte. (IÑAKI MARTÍNEZ DE LUNA soziolinguista da) Gazteenak dira, beti, euskararen erabilerarik altuena dutenak PatxiSaezBeloki Iñaki, bene-benetanestimatzendizutartikuluairakurri eta zureiruzkinabidaliizana. Mila esker hartutakolanarengatik. Nireartikuluanazaltzendirenbiideaihorieninguruanzeraadierazinahidizut: 1) Arrazoi osoa ematen dizut: Orain arte egindako neurketa guztietan gazteenak dira, beti, euskararen erabilerarik altuena dutenak, hori ukaezina da. Beharbada (eta zure iruzkina irakurrita, "seguru" esango nuke) ez dut asmatu esan nahi nuena ongi adierazten. Gazte guztiengana orokortzeko asmorik gabe nik artikuluaren harira zera ekarri nahi izan dut: euskara bigarren hizkuntza edukita, oso eremu eta inguru erdaldunetan sozializatuta dauden gazteek, euskara, maiz aski, eskolan bakarrik entzuten dutela eta erdararako joera dutela nagusiki (Jakina, hori datuetan oinarritu gabeko tesia da). Eta gazte horiek, erdararako joera hori izanda, erabat erdaraz funtzionatzen duen lan-mundura iristen direnean, euskararen bidera ekartzeko gazte horiekin eskolaren bidez egindako diru-inbertsio eta ahalegin guztiak hutsaren hurrengo gelditzen direla adierazi nahi nuen. 2) Nik ere, zuk bezalaxe, gakoa hortxe dagoela uste dut: akordio eta adostasun politikoan. Hain zuzen ere Joshua A. Fishman-en aipua erabili dut ideia hori indartzeko. Esandakoa, Iñaki, mila esker zure begirada zorrotzarengatik. Multifaktoriala da gure ajeen panorama soziologikoa Mikel Zalbide Egun on, Patxi: Erantzun laburra doakizu baina, ustez, oinarritua eta, nolanahi ere, izkutagarririk gabea. Axaletik hasiko naiz: oro har argia eta zehatza da zure artikulua, bere laburrean. Horrelako artikulu gehien-gehienak baino argiagoa eta zehatzagoa. Ziplo batean irakurtzekoa, gainera. Alde horretatik, erabat azpimarragarria. Azalpenez eta formaz baiezko epaia da beraz nirea. Gatozen mamira. Konforme nago artikuluan esaten dituzun gauza askorekin: seguruenik gehienekin. Konforme nago, funtsean, eskola-munduaren garrantziaz, bere ahalmen-mugez eta bere lekuaz, egiten duzun azalpen argi bezain sarkorrarekin. Ez nago konforme, aldiz, artikuluan lan-munduari ematen diozun erabatekotasun horrekin. Gauzak ez dira, nire ustez, horrela. Multifaktoriala da gure ajeen panorama soziologikoa, ez monofaktoriala. Behin baino gehiagotan sartu dugu hanka, Patxi, gure gaitz guztien iturri bakarra (suabeago: gaitz gehienen iturri nagusia) elementu bakar batean identifikatu izan dugunean eta gure ahaleginak, gorputz eta anima, gaitz hori konpontzen xahutu izan ditugunean. Are gehiago, panorama multifaktorial horretan gaixotasun-iturri garrantzitsuen ranking bat egin nahi bagenu ere, larrienetik abiatuz, ez nuke nik lan-mundua lehen postuan jarriko. Etxean, auzoan, lagunarte hurbilean, kafetegian eta taberna-zuloan, jolasean eta kirolean, berri-emankizunetan eta astialdiko eskaintzan,.. horietan dauka euskarak, gaur egun, bere aje edo herren nagusia. Baita Azpeitian ere (zer esanik ez, askoz motibo sendoagoz, hortik kanpora). Hor ari gara atzeraka, askok uste baino txistu biziagoan. Baliteke artikulua arinegi irakurri izana eta oker ibiltzea. Zuzen ulertu badut bertan esaten duzuna, zure artikuluak ez dio funtsezko gertaera horri erreparatu ere egiten: ez asko eta ez gutxi. Gabezia larria da hori, nire ustez: oker zabiltza, horra labur esan, "arazo nagusi" delakoaren planteamenduan. Ez daukat dudarik zipitzena, lan-mundua beti egongo dela heldu euskaldunen hiruzpalau gaitz-iturri nagusien hit-paradeko zerrendan. Ez, aldiz, 25 urtera arte lan-mundutik deskonektaturik bizi diren eta beren sozializazio-atal nagusia tarte horretan gorpuzten duten haurren, neska-mutilen, gaztetxoen eta gazteen artean. Horiek euskal bizibidera ekarriko balira, hein batez, asko aurreratuko litzateke euskara indarberritzeko saioan: baita lan-munduan ere. Hogeita bost urte arteko (nolahalako) euskaldun horiek euskal bizibidera ezin dira berdin ekarri Azpeitian, Tolosan, Gernikan eta Lizarran. Lehentasuna ere ez da guztietan berdina: ingurumen-giro sanotik hasi behar da, ez harjoa dagoenetik. Perspektiba errealista batek, euskal arnasguneen belaunez belauneko jarraipen-oinarriak segurtatzea eskatzen du. Helduak eta gazte-gaztetxoak eguneroko bizimodu arruntean euskaraz funtzionatzen jarraituko duten baldintzak indartzea: baldintza soziokulturalak, ekonomikoak, urbanistikoak eta abar. Hori buruan sartzen ez zaigun artean, jai dugu. Labur: perspektiba multifaktorialera ekarri behar zenuke zure artikuluaren ardatza eta, hor bai, helduei (batez ere arnasguneetako eta Azpeitia moduko herriburu zoritxarrez bakanetako helduei) lan-mundu (partez) euskalduna eskaintzearen garrantzi handia (ez bakarra eta ez, seguruenik, lehenengo-lehenengoa) azpimarratu. Ez gaude partida osoa karta bakarrera jokatzeko moduan, Patxi, eta zure artikuluaren formulazioak arrisku hori du berekin. Egia aurretik, lagun. Bihotzetik txalotzen dut zure saio zintzo bezain pizgarria: ez naiz loxintxan ari. Ea nire ohartxo horiek ezertarako balio dizuten. Hurrengo arte, Patxi. (MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO soziolinguista eta euskaltzaina da) Lan-munduari merezi duen arreta jarri behar zaio PatxiSaezBeloki Mikel, adiskidea: Bene-benetan estimatzen dizut nire artikuluarekin hartutako lana eta hain zintzo, argi eta tolesik gabe azaltzea zure arrazoiak. Ni ere ilunetan gelditu direnak argitara ekartzeko lanari lotuko natzaio: Soziolinguistikaren arlo honetan gabiltzanok jakin badakigu, oinarrizko jakin beharrekoa baita, multifaktoriala dela ahuldutako gure hizkuntzaren aje eta hutsuneen jatorria. Beharbada (zure arrazoien argitara hala dirudi), nire aldetik ez dago ongi adierazia elefantearen metafora. Ez dut inolaz ere esan nahi gure gaitz guztien iturri bakarra lan-mundua denik, ez eta egin ditugunak eta egiten ari garen guztiak dauden daudenean utzi eta gure indar eta ahalegin guztiak, gorputz eta arima, lan-mundura bideratu behar ditugunik. Inola ere ez naiz hori planteatzen ari. Adierazten ari naizena zera da: gure hizkuntzaren berreskuratzean, azken 50 urteotan, ibilbide bat egina dugula eta iritsi dela ordua lan-munduko atea zabaltzeko. Lan-munduaren atea zabaltzeak ez du esan nahi etxea, auzoa eta lagunarte hurbila, kafetegia eta tabernazuloa, kirola eta astialdiko eskaintza ahaztu behar ditugunik, lan-munduan euskara berreskuratzeko egin beharreko lanekin itsututa. Zuk ongi adierazten duzun bezala, orain arteko eskuhartze gehienak, neurri handi batean, 25 urte arteko hizkuntza sozializaziora bideratu ditugu. Nire uste apalez, bada garaia, orain arteko eskuhartzeei eutsiz, heldu aroko jardun esparrurik nagusienean ere, lan-munduan hain zuzen ere, eraginkortasunez jarduteko. Izan ere, orain arte, jaio eta lehen 25 urte horietan jarria baitugu arreta osoa eta ez gara ohartzen, gaur egun, euskararen historiako gazteriarik euskaldunena iristen ari dela lan-mundura eta erdera hutsean antolatua dagoen lan-mundu horrek erdararen uztarripean jartzen dituela gazte horiek guztiak. Hain zuzen ere, lehen 25 urte horietan gizarte egituretatik gazte horiek euskalduntzeko egindako ahaleginak eta erabilitako baliabide guztiak zapuztu eta galbidean jartzen ditu lan-munduak. Ukaezina da lan-munduak erabateko garrantzia duela pertsona ororen bizitzan. Heldu aroa lan-munduan ardaztuta dago eta, neurri batean, gure bizitzako lehen 25 urteak ere lan-munduari begirakoak dira. Eguneko ordurik gehienak lanean egiten ditugu eta bizitzako urterik gehienak (40-45 urte) ere bai. Gainera, lan-munduak, gero eta eragin handiagoa du etxean, familian eta lagunartean. Gaur egungo gizarte antolaketa dela eta, etatistikoki, lantokia da bikote harreman gehien sortzen den esparrua, baita lagunarteko harreman askoren sorlekua ere. Ez alferrik esna igarotzen ditugun ordu gehienak lanean igarotzen baititugu buruz buruko harremanetan, bilera, kafe-hartze, bidaia, lan-bazkari eta abarretan. Gaur egun, lan-munduko harremanak pertsonen arteko harreman intimoenetarako eta hurbilekoenetarako zubi izaten dira. Lan harreman horietan sortutako hizkuntza ohiturek eragin betea dute lankideen arteko bikote harremanean eta elkarbitzitzarako pausoa emanez gero, baita etxeko hizkuntza ohituretan ere. Lan-mundua euskalduntzeko dinamika eraginkorra abian jarriz gero, eragin betea izango luke etxetik hurbil dugun kafetegian eta tabernazuloan, janari dendan eta okindegian, kirol-ariketak egiteko gimnasioan edo min hartutakoan hitzordua eskatuko dugun kirol-medikuaren kontsultan. Izan ere, horietan guztietan lanpostuak daude eta lantoki horietatik herritarrei zerbitzu zuzenak ematen zaizkie. Nire ustez, Mikel, lan-munduari merezi duen arreta jarri behar zaio. Bene-benetan estimatzen dizkizut zure aholku eta iruzkinak. MILA ESKER. Lan-munduan egin litekeena ez da makala Mikel Zalbide Zoragarri azaldu dituzu, Patxi, azaldu beharrekoak. Goizekoan ere halaxe zeuden esanak agian baina, arinegi eta axalegitik irakurri ditudalako-edo, bestelako enfasi puntua ikusten nuen. Zer nahi duzu esatea: oso argi eta oso zentzuz esanak daude oraingo guztiak. argi dago lan-munduan egin litekeena ez dela makala, nahiz eta interbentzio-bide konkreturik zehaztera iritsi ez garen. Ez da hori, urrundik ere, zureganako kritika, guztion ahuldadearen aitorpen xotila baizik. Segi aurrera, Patxi, eta eutsi goiari. Elefantea hortxe, eta ikusi ez Dabid Anaut Kaixo, Patxi: Hire artikulua irakurri diat, eta holaxeko bat pentsaratu zidak: "jode, horixe egia handia, elefantea hortxe zegok eta ematen dik ikusi ere egiten ez dugula". Oso kontuan hartzeko moduko ideia nabarmendu duk, oso zentzuzkoa. Eskerrik asko hire ekarpenagatik. (DABID ANAUT Goizueta, Leitza, Areso eta Aranoko Euskara Zerbitzukoarduradun-teknikoa da) Aurrera! ez zaitez isilik geratu, mesedez! Pruden Gartzia Adiskidea, Di-da batean irakurtzea otu zait izango zela onena, bestela, gero-gero-gero... Eta irakurrita ere, erantzuna di-da batean: 1) Ausarta. Banuen gogoa horrelako zerbait irakurtzeko. Edo, horrelakoak irakurtzea oso atsegingarria da. Zerbait berria irakurtzea. 2) Eta ondo idatzia. Argia. 3) Ados nago? Partez bakarrik. Diagnositikoa zuzena izan daiteke, lan-mundua elefantea ez bada, gutxienez tamaina handiko aberea bai. Beraz, diagnostikoarekin ados. 4) Erremedioa: okerra guztiz. Lan-mundua bitan banatzen da gaur egun, sektore publikoa eta pribatua. Sektore publikoa euskalduntzeko eman diren pauso GUZTIZ GEHIENAK porrot hutsa izan dira orain arte (Hezkuntza edo zenbait udalerri aparte utzita, gero esango dut zergatik), eta porrota izan dira dirua ERRUZ erabili den arren. Sektore publikoaren porrotaren arrazoia ez da diru-falta izan, beste zerbait izan da. Eta sektore publikoan urratsik ematen ez badira, guztiz okerra da porrot egin duen errezeta bera sektore pribatura trasladatzea (hots, askoz ere diru gutxiagorekin). 5) Dirua ez da arazo nagusia. Diru barik ez dago ezer, jakina, baina porrotaren arrazoia ez da izan dirua. Beraz, diru gehiago injektatzeak berez ez du hobekuntza nabarmenik ekarriko. 6) Akatsa hau izan da: euskalduntzea indibiduoak (norbanakoak) eta ez zerbitzuak (lan-unitateak). Euskalduntzea dimentsio indibidualean preso uztea. Alegia, zergatik egin du aurrera Hezkuntza sarearen euskalduntzeak? Bada, euskara ikasi eta gero LANEAN ERABILI BEHAR ZELAKO HALABEHARREZ, eta lan-unitateak (eskolak) osorik euskalduntzera jo delako (zehaztapenak zehaztapen), delibero argiz. Zergatik egin du porrot Jaurlaritzaren euskalduntzeak? Bada, euskara ikasi eta lana gaztelaniaz egin behar zelako. Horregatik, zehatz-mehatz esanda, ez beste ezerengatik. Euskara ikasi eta lana gaztelaniaz egin. Zertarako balio du euskarak hor? Ezertarako ere ez. 7) Beraz, lehen urratsa beharko luke izan, adibidez, Jaurlaritzaren berrantolaketa osoa. Erabaki bedi, adibidez, Hezkuntza eta Kultura sailak bi urteko epean euskaraz funtzionatu behar dutela, oso-osorik euskaraz, gaztelaniazko itzulpen-zerbitzu baten laguntzaz (hau da, gaur egun egiten denaren guztiz kontrakoa). Egin bitez horretarako beharrezko leku-aldatze guztiak funtzionarioen artean (beste sail batzuetatik ekarri batzuk eta bertako batzuk beste sail batzuetara eraman). Horrek, jakina, dirua eskatuko luke, baina ez horrenbeste. Hortaz gain, jakina, akordio politikoa eta goi-funtzionarioen estamenduari aurre egitea (batzuen botere faktikoa desegitea). Eta sindikatuekin negoziatu. Eta gaitzeko ikastaro bereziak. Eta abar. Ez da erraza izango. 8) Esperimentu horren ondorioz... agian pentsa daiteke nola euskaldundu enpresak. Bitartean, enpresa pribatuekin orain bezala segitu. Esperimentu bat nahiko, ez dago dirurik danontzako. Horra nire iritzia. Baina zure artikuluari dagokionez, kasu guztietan AURRERA! Ea hasten garen gauzak diren bezala esaten, beti zurikerietan ibili barik! Beraz, zure proposamenarekin bat ez banator ere, EZ ZAITEZ ISILIK GERATU, MESEDEZ. Ondo esanak hartu, gaizki esanak barkatu, (PRUDEN GARTZIA ISASTI Euskaltzaindiko Azkue Biblioteka eta Artxiboko zuzendaria eta euskaltzain urgazlea da) Erremedioan sakontzen Patxi Saez Beloki Kaixo, Pruden: Nik egindako diagnostikoa zuzena izan daitekeela diozu baina erremedioa guztiz okerra. Lehenik eta behin aitortu behar dizut artikulua hezur-mamitu dudanean arreta handiagoa jarri diodala diagnostikoari eta erremedioa ez dudala neurri berean jorratu. Garrantzia handiagoa eman diot arazoa mugatzeari eta azaleratzeari konponbidean sakontzeari baino. Dena dela, sar gaitezen xehetasunetan: 1)Nik ez dut dirua, edo diru-falta, erremedioaren arazo nagusitzat jotzen. Nik diru-pizgarriak aipatzen ditut artikuluan. Dirua enpresetan euskara txertatzeko gogo-pizgarri izatea da nire planteamenduaren helburua, dirua "amu" izatea enpresak euskararen bidera ekartzeko. 2)Nire proposamenaren arabera, enpresek ez dute txanponik jasoko, goitik behera eta behetik gora, euskaraz funtzionatu arte, beraz, dirua jaso baino lehen, enpresek euskaraz funtzionatu beharko dute, bestela, zimikorik ez dute jasoko. Alde horretatik, dirua euskaraz funtzionatzearen truke jasoko dute enpresek, ez bestela. Beste era batera esanda, enpresak guztiz behartuta daude euskaraz lan egitera diru-pizgarriak jaso ahal izateko. 3)Enpresak guztiz euskaraz funtzionatzen hasten direnean jasoko dute diru ordaina. Beraz, administrazioarentzat “diru arazoa” euskaraz funtzionatzen duen enpresa multzo handi bat dagoenean hasiko da. Orduan beste neurri batzuk har daitezke diru zuloa sakonagoa ez egiteko, diru-pizgarriak mugatuz. Horretarako, administrazioak ekonomia eta enpresa gaietan gu baino gaitasun handiagoa duten adituak ditu horrelako diru arazoei konponbidea aurkitzeko. 4)Enpresek guztiz euskaraz funtzionatu arte, helburu hori lortu artean, herri-administrazioaren laguntza jaso dezakete euskara planak garatzeko. Laguntza hori, gaur gaurkoz, dirutan jasotzen dute enpresek Jaurlaritzatik eta foru aldundietatik. Beste aukera bat, enpresei laguntza dirutan eman beharrean, baliabide teknikoak eskeintzea da enpresetan euskara planak garatzeko zentro tekniko eta publikoen bidez, garai batean euskalduntze lanetarako euskaltegi publikoak sortu ziren bezalaxe. Azpeitiko Udalaren ELEGUNE erakunde publikoa da, enpresentzat antolatutako laguntza tekniko horren adibide. Zentro tekniko hauek euskaldunen dentsitate handiena duten eskualdeetan jar daitezke. Eskualde bakoitzean bana. Zentro tekniko hauek, batetik, enpresen euskara planen jarraipen estuagoa egiteko aukera emango lukete eta, bestetik, administrazioak enpresen garapen linguistikoaren informazioa lehenengo eskutik izango luke. Pruden, zure arrazoiak ez dira makalak eta zure iritzia erabat aberasgarria da euskararen arrerabiderako sortu nahi dudan eztabaidarako. Mila esker zure ekarpenarengatik, bene-benetan. Elite ekonomikoa euskalduntzea behar-beharrezkoa da Urtzi Urrutikoetxea Kaixo, Patxi: Barkatuko didazu ziur aski horren denbora luzea eman dizun artikuluari horren bizkor erantzutea, baina askotan lehen irakurraldi bizkorrean datozen gogoetei jarraitu behar zaie. Hortik abiatuta, iruzkin pare bat datozkit: Hasteko, erabat ados, aipatzen duzun elefantearekin. Elite ekonomikoa euskalduntzea behar-beharrezkoa da. Nik gehiegi ikertu ez dudan elementua da, hala ere. Zuk egindako 8-8-8 orduko atalean, nik azken 8etako 4 telebistari ematen dizkiogula aztertu dut, gehiago erreparatu diot hezkuntza araututik kanpo ume, gazte zein helduek dituzten beharrei. Badakit "aisialdia euskaldundu" aspaldi esan zela, baina beti elementu subordinatu gisa egiten da, euskarazko ekimenak antolatzen, eta ez ekimenak euskaraz antolatzen sistematikoki. Adibidea: Bilduk Sopelako udala eskuratu eta mezu positibo gisa saldu zuen kiroldegian lehen aldiz euskarazko ikastaroren bat emango zutela. Zalantzarik ez, inoiz egin ez bada, positiboa da behingoan egiten hastea, baina erreparatu beharreko auzia da udal independentista batek sopeloztar euskaldunei erdaldunei baino zerbitzu gutxiago ematen dizkiela. Eta inork ez diola erreparatzen aisialdi hori etxean telebista aurrean gertatzen dela neurri handian, eta etxeko supazterra espainolez dela gaur egun Barakaldon zein Azpeitian. Alde horretan, susmoa dut arnasguneetan ez ote den lasaitze moduko bat gertatzen, Tuterakoak inoiz izan ez dezakeena: zer behar dute Lekeitioko, Bergarako, Azpeitiko, Bermeoko zinema-aretoek espainolez proiektatzeari uzteko? Bestela esanda, ia euskara hutsez bizi direnek nola lortuko dute "ia" horiek kentzea? Adibide txiki bat baino ez, esateko giltza boterea bera euskalduntzean dagoela. Eta horrek eremu ekonomikoan ere badu eraginik. Baina gaia aurkezteko eran, hankamotz ikusten dut zerbait. Adibidez, hau diozunean: bat eta bakarra izan beharko luke baldintzak: enpresak, goitik behera eta behetik gora, euskaraz funtzionatzea, lanpostu guztietarako euskararen eskakizuna derrigorrezkoa izanda, gaur egun, gaztelaniarekin gertatzen den bezalaxe Arazoa hori da, enpresetan inon ez da ageri espainola jakin beharra. Administrazioan ere ez. Euskaltzaleok baino ez dugu nabari espainola inposatuta dagoela; gehienentzat, egoera naturala da. Legez eskatzen den gauza bakarra euskara da. Eta horri buelta eman behar diogu. Agian filosofikoa dirudi auziak, baina utz diezaiogun euskara(ren ezagutza) eskatzeari, baina egin diezaiogun euskaraz. Hautu pertsonaletan erreparatu ordez, eremu praktikora eraman dezagun: ez dizut ezer eskatzen, baina gu euskaraz bizi gara, eta gurekin lana euskaraz egiten da. Zeuk ikusi badakizun ala ez, baina nirekin egin euskaraz. Hau da, botereak euskaraz egin(araz) dezala. Enpresa batek Parisera zerbait bidaltzen badu, frantsesez egiten du. Tira bada, Euskal Herrian diharduenak euskaraz egingo du. Enpresa guztiek baitituzte harremanak administrazioarekin. Aldez edo moldez, denek egiten dituzte negozioak administrazioarekin. Eta uste dut eremu horretan jotzea ez dela erraza: Kataluniako klabeetako bat, historikoki, burgesiak katalanez egitea izan da. Enpresaburuak katalanez egiten zuen, eta langile askok espainolez. Geroz eta gorago enpresan, katalana gehiago entzuten zen. Gurean, baina, badago mekanismo psikologiko interesgarri bezain kezkagarria: orain, enpresaburu asko euskaldunak dira, enpresa askotako goi-karguetan euskaldunak daude... hau da, gure amama Bilbora neskame etortzean, berehala ikasi zuen espainola, baina gaur sarritan euskalduna egon arren klase ertain zein altuan, hizkuntzaz azpiratuta dago oraindik, etxea garbitzen dionari ere ezin badio euskara "inposatu", nola lortuko dugu enpresa pribatuan urratsik? Zenbat baserri abertzaletan ari dira latin amerikarrak ia espainolik ez dakiten adineko jendea zaintzen, euskaltzale independentistek kontratatuta? Tira, gaitik urrundu naiz. Esanak esan, horrek ez du kentzen hobari fiskalak eta abar ezartzeko aukera. Anekdota bat: lehengo baten, Bilboko multinazional baten lanean ari den lehengusinak kontatu zigun, enpresako lunch edo antzeko oturuntza batean nagusiak esandakoa, nonbait gin-tonic pare bat hartuta: itxuraz, azken hiletan murrizketa ugari egon arren eta lankide batzuk kaleratu, lehengusina botatzea burutik ere ez zitzaien pasa... EGA daukalako. Enpresan sekula ez du erabiltzen euskara, baina nonbait, enpresak badauka hobariren bat, ez dakit Ogasunaren aurrean edo Jaurlaritzan, EGA duten langile kopuruagatik. Honaino hiruzpalau ñabardura, agian lartxo luzatuta. Berriz irakurritakoan besterik badatorkit, helararaziko di(zki)zut (eta laburrago egiten saiatuko naiz). (URTZI URRUTIKOETXEA VACAS idazle eta kazetaria da) Ezinezkoa da gaitasun komunikatiborik garatzea hiztun-komunitaterik gabe Joxe Manuel Odriozola 1.- “Euskarazko eskolak aho-idatzizko gaitasun betea duten lehendabiziko hiztun osoen belaunaldiak eman ditu azken 50 urteetan”. Txepetxek esaten zuen euskara normalizatzen hasiko dela belaunaldi berriak eskolako transmisio kulturalean eta komunitateko transmisio naturalean sozializatzen direnean. Ni ere iritzi berekoa naiz: UEMAko herrixketan izan ezik, ez dut uste hezkuntza-sistemak sortzen dituen euskaldun berriak gaitasun “betea” eduki dezaketenik. Ezta etxeko hizkuntza praktika euskalduna denean ere, alegia, guraso euskaltzaleak dituztenean ere. Ezinezkoa baita gaitasun komunikatiborik garatzea komunitaterik gabeko eskolako sozializazioaren bidez solik. Bai, D ereduan eskura dezakete gaitasun linguistiko edo akademiko “on” bat, baina gaitasun hori oso urrun dago gaitasun komunikatibotik. Gaitasun komunikatiboa duen hiztun bat edozein komunikazio-esparrutan moldatzen da; aldiz, transmisio kulturala bakarrik jaso duena komunikazio-gai akademikoetan moldatzen da ondo batez ere. 2.- Lan mundua: “horixe dugu, gaur-gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia”. Quebecen ondo asko ohartu ziren horretaz: 101. legea batez ere lan mundua frantsesteko jarri zuten indarrean. Mundu horretan ingelesaren ezarpena gero eta handiagoa zenez, erabaki zuten lan esparruko hizkuntza frantsesa bihurtu ezean, gizartearen gainegituran (hezkuntza, eskola…) frantsesa nagusiaraztea erabat lan antzua zela. Zuk diozun gauza bera: alegia, “egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak”. Kontua da euskaldunok ez daukagula Quebecko komunitate frantsesak zeukan indar politikorik botere ekonomikoaren sisteman bere interesen araberako hizkuntza plangintzarik ezartzeko. Zure proposamenak egokiak dira horretarako borondaterik eta ahalmenik bageneuka. Ez dut uste euskaldunok neurri horiek hartzeko komunitate eta klase politikorik daukagunik. 3.- “Nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean?”. Arrazoi duzu: hizkuntza minorizatu baten komunitateak ez du bururik jasoko bere hizkuntzak “balio” sozial eta komunikatiborik eskuratzen ez duen bitartean. Mundu ekonomikoaren interesak eta komunitate minorizatu batenak hurbiltzea oraingoz euskaldunon esku ez daudenez, beharbada hobe izango dugu lehendabizi euskara eskolaren eremutik atera eta komunitate-hizkuntza bihurtzen saiatzea. Horrek ez du esan nahi eskualde batzuetan (UEMA: Tolosaldea, Urola…) lan mundua euskalduntzeko plangintzarik indarrean jarri behar ez litzakeenik. Horretan ere Txepetxekin bat nator; oker ez banago, eskualde horietan euskarari funtzio komunikatibo guztiak esleitzeko politikak egitetik hasi behar genuela baitzioen. (JOXE MANUEL ODRIOZOLA LIZARRIBAR gizarte-hizkuntzalaria da) Gizarte euskaldun gero eta indartsuago batek bakarrik lortu lezake lan esparrua (ere) euskalduntzea Bittor Hidalgo Atzo leittu nian artikulua, eta oso argia iruditu zitzaitean, oso irakurgarria eta oso ondo garatua esan nahi dekana esateko. Beste gauza bat dek hik jartzen diokan lehentasuna jarri nahi izatea lan mundua euskalduntzeari. Noski, lan munduak euskaraz egingo balu lan, askoz ere errazago genikek euskaldunok gure biziraupen euskalduna. Eta noski, garrantzizkoa diagu hor ere eragitea, eta erakustea euskeraz ere garatu litekeela lana/ekonomia, lehenago erakutsi degun bezela kimika nuklearra ere ondo asko irakatsi litekeela euskeraz. Baina iruditzen zaidak, hik ere aitortu bezela, hain zuzen lan esparrua dela / izan litekeela zailen(etako)a euskalduntzen, hain zuzen borondateak, nahiak, gogoak, ideologiak, oro har, beste esparru askotan baino pisu gutxiago duela enpresen errentagarritasunean, zein dan enpresaren irauteko modu bakarra (helburu bakarra ez bada ere, eta are gutxiago gu bezelako herri txiki batentzako). Eta beti erakutsi zezakeagu euskeraz jardunda, eta bertan sortu litezkeen herri senidetasun sentimentuei esker, hobeto ere, solidarioago eta beraz are errentagarriago egin lezaketela dalako enpresa edo bestea. Baina, halako inposizio/dekretu/nahi bat lortu litekeela amestea balizko gobernu baten subentzioei esker, etzaidak erreala iruditzen. Are gutxiago jakinda subentzioen bultzada oso epe motzekoa baino ezin litekeela izan, eta jakinda ekonomia (lan esparrua), zientzia eta aurrerapenak bezala gero eta lotuago datozela munduko esparru globalizatuari. Hau da, ingelesez. Eta zuzenean ingelesari heldu nahi ez badiogu (gure arteko anti-inperialista askok nahi ez duen bezela), horrek ezinbestean derrigortzen gaituela ingelesezko itzulpenak jasotzea espainolaren eta frantsesaren bidetik, eta hizkuntza hauen are mendekoago. Garraintzizkoa dek lan esparrua euskalduntzea, baina nire ustea dek gizarte euskaldun gero eta indartsuago batek bakarrik lortu lezakeela lan esparrua (ere) euskalduntzea, eta hori beti, ingelesari heltzen badiogu gainetik ezin kenduz gabiltzan espainolaren eta frantsesaren mendetik libratzen hasteko. Artikuluaren hasiera asko gustatu zitzaitean, orain arte egindakoaren balorazioa nahiko zuzena eta objektiboa iruditu zitzaitean, eta ikaragarri gustatu zitzaitean hire lehendabiziko ondorioa, lan esparruaren kontuari heldu aurretik, eta pena handia eman zidakean gero ez jarraitzea ondorio horren lortzeko bideetan sakozduz. Diokanean: "EAEn, 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (%58) euskaldun berriak dira, alegia, bigarren hizkuntza euskara dute. Eta bidegurutze horretan gaude: erabaki egin behar dugu euskara ama-hizkuntza bezala iraun dezala nahi dugun ala ez. Beste aukera bat da euskara belaunalditik belaunaldira bigarren hizkuntza bezala iragan dadila." Ze nire ustez hori dek gure gaur eguneko EAEko eta Nafarroa Garaiko behuintzat eremu euskalduneko erronka (Nafarroa Garaiko eta areago Iparraldeko gure erronka da, gutxieneko, euskaldunon (ko-)ofizialtasuna lortzea gure lurrean, eta gutxieneko EAEn lortu dugun neurrian): Nola bihurtu ondoko belaunaldiarentzako AMA/LEHEN HIZKUNTZA izatea, gaur egun askorentzat, gehienentzat BIGARREN HIZKUNTZA baino eztana. Eta galdera hori bideratu eta publizitatu behar diagu belaunaldi euskaldun berri horietan. EAEn 2011n datuetan oinarrituta 40 urtetik azpiko %62,49 da EUSKAL HIZTUN, eta beste %32,16 EUSKARAZ, GUTXIENEZ, ULERTZEN DUENA -%5,36 'ERDALDUN ELEBAKAR'-, behin azken etorkin berrien ekarria zuzendua -125.000 baino, biztanleriaren %14 baino gehiago- (2016an datu haek 7-44 urte bitartekoenak izango dira, eta 2-39 bitartekoen datuak hauek baino hobeak izanen dira); etorkin berrion emana zuzendu gabe eta 2011ko dautuetan oinarrituta 40 urtetik azpiko %54,15 dela EUSKAL HIZTUN, eta beste %27,87 EUSKARAZ, GUTXIENEZ ULERTZEN DUENA -%17,98 ERDALDUN ELEBAKAR (2016an datu haek 7-44 urte bitartekoenak izango dira, eta 2-39 bitartekoen datuak hauek baino hobeak izanen dira) (ni ari nauk orain datu hauek ateratzen erroldetako emaitzetatik eta ez zeudek inun argitaratuak). Eta bikote umegile guztiei eragin behar diegun galdera/hausnarketa horrelako zerbait behar likek (komunikatiboago esanda, noski): Zer nahi duzu(e), * Zuen seme-alabak etxean espainol hazi datezen, etxeko hizkuntza, zuen (eta bere) hizkuntza espainola izanik, eta euskara, zuetako askorentzat bezela, bigarren hizkuntza baino ez? * Ala zuen sema-alabak euskaldun hazi daitezen, etxeko hizkuntza (eta hala, bere) hizkuntza euskara izanik, eta noski, espainola, eta oso bereziki ingelesa izanik bigarren hizkuntza? Zuen esku dago. * Zuen arteko hizkuntza espainola izaten segiten badu, nahiz eta haurrari tarteka euskaraz esan gauzak, bere hizkuntza espainola izango da, eta espainol haziko da. * Edota zuen arteko etxeko hizkuntza aurrerantzean (eta haurrarena beraz) euskara izatea, eta euskaldun mundutar haztea, bigarren hizkuntza bezala ondo ezagutu eta erabili ahal izango dituena gainera espainola eta ingelesa? Ni halako hausnarketatan nebilek, eta horregatik gustatuko zitzaitean gehiago hortik jo bahu, baina norbera dek norbera… Animo eta segi lanean, zeregine bazeukeagu eta… (BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE euskara irakaslea da) Zergatik ez ahalegindu? Zaila delako? Patxi Saez Beloki Kaixo Bittor: Lehenik eta behin, nire eskerrona azaldu nahi diat hartutako lanarengatik. Heuk aitortzen duk euskararentzat berebiziko mesedea litzatekeela lan-munduak euskaraz egitea. Orduan, zergatik ez diagu ahalegindu behar? Zaila delako? Hobe duk egin eta damutzea, ez egin eta damutzea baino. Gainera, noizean behin ez badiagu porrotik egiten seinale ez dugula ezer berritzailerik egiten. Huts egiteak beti zekarrek aldaketa eta, hori, berrikuntza duk. Ez diagu porrotaren beldur izan behar, beldurra duk porrota. Beste alde batetik, egia duk euskararen lurraldearen luze-zabalean behar asko daudela, oinarri-oinarrizkoak ere bai toki askotan. Ni ez nauk ari esaten hizkuntzaren biziraupenerako behar oinarrizko horiei lehentasunik eman behar ez zaienik eta erantzun gabe utzi behar ditugunik, baizik eta, azken 50 urte hauetan ibilbide bat egina dugula, batik bat, Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ibilbide horretatik gaur egungo egoera honetara iritsi garela: EAEko 20 urtez azpiko gazteen %70a euskalduna duk. Hori bai, gazte horiek guztiak ez zeudek neurri eta gradu berean euskaldunduak. Eremu erdaldunetako gazteak batez ere, komunikazio gaitasunean oso kamutsak dituk, hain zuzen ere, bete-beteko komunikaziorako funtzio guztiak osotasunean garatzeko hiztun-komunitaterik ez daukatelako, neurri handi batean, linguistikoki isolatuta daudelako eta eskolatik bakarrik jasotzen dutelako jasotzen duten apurra. Hain zuzen ere, horixe nabarmendu nahi izan diat: gazte horiek erdarazko lan-mundura iristen direnean, aurretik gizarte-egituretatik euskalduntzeko eta euskarazko bizibidera ekartzeko egindako ahalegin guztiak zapuztuta geratzen direla. Alegia, egindako lan guztia ezertarako ere ez duk, harrika botatzen diagu. Eta, ez diagu ahaztu behar, bigarren hizkuntza euskara duten gazte horiek, 30 urtez azpiko euskaldunen %58 direla. Beraz, behar gorria diagu, gazte horiei, eskolan bezala, lan-munduan ere, euskarazko bizibidean jarraipena emateko. Gainera, lan-mundua gizarte bizitzaren erdigunean, bihotz-bihotzean dagoen harreman esparrua duk. Laneko giroan kolkoratutako erdal hizkuntza ohiturekin makina bat bikote eta lagun arteko harreman sortzen dituk enpresetan. Heldu aroan, gutako edozeinen bizimodua, lan-munduaren jira-bueltan zegok ardaztuta eta bertan egiten diagu bizitzako denbora-tarterik handiena. Gaur egun, euskarak EAEn duen egoeratik abiatuta, herri-erakundeek (Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek, batik bat) euskararen berreskurapenaren gurdia, nire ustez, bi gurpilen gainean ardaztu behar diate: eskola eta lan-mundua. Bi gurpil horiekin lortuko diagu euskarak tajuz aurrera egitea, bestela, gurdia, gaur egun gertatzen zaigun bezalatsu, herrenaren herrenez, arrastaka eraman beharko diagu, horrek sortzen dituen neke eta ezinekin. Diagnostikoan arrazoi Bittor Hidalgo Eskerrik asko erantzunagatik ere, ze arrazoi guztia dek diagnostikoan. Nik ez diat oraingoz modurik ikusten lan-mundua "orotara" euskaratzeko, aurretik beste gizarte esparru batzuk geureganatu gabe (familia, zerbitzuak, euskaldun "bihotzekook" euskara nonahi erabiltzearen harrotasun hedatua…). Hortik nire bildurre dagoeneko guztiz tematzeko "elefantearen" ehizatzearekin… Hor ere pausoka egingo dugulako bidea… Baina noski hik garbi daukekan bezela, bide egiten hasi beharra zeok, aurrez aurre ez bada ere, azpiak janez, lan munduan ere gure aldeko birusak zabalduz… Patxi Saezen elefantea Itziar Idiazabal Patxi Saez Belokiren azken artikuluak nirea baino gogoeta sakonagoa mereziko luke, baina nik bat-bateko erantzuna besterik ez dakart. Uste dut merezi duela egin duen lanak, eta bizi duen momentuak. Ez dut nire burua inoiz euskararen hizkuntza politikaren arazo nagusiena zein den pentsatzen jarri. Nire ibilbide pertsonala eta profesionala euskararen jabekuntza-irakaskuntzari eskaini diot, eta zerbait esaten ausartzen banaiz beti eremu horretara mugatu izan naiz. Orain ere argudioak eremu horretatik datoz Patxiren lanak emandako hizpideari heltzeko. Era oso laburrean esanda, Patxik proposatzen duena euskararen aje nagusiei/nagusiari? aurre egiteko lan-mundua euskalduntzea litzateke, eta hartarako pizgarri bezala diru laguntzak (eta haiek bideratzeko behar den plangintza, jakina) ikusten ditu irtenbide nagusi modura. Edozein proposamen egiteko diagnostikoa ezinbestekoa da eta hor, ez nator erabat bat Patxirekin. Batetik irakaskuntzaren lorpenak aipazten dira, eta egia da izugarri aurreratu dugula, baina hor ere aje handiak ditugu. Esaterako lanbide heziketan dauden hutsueneak nabarmenak dira. Beste ikasmailetan ere kontua ez da amaitu, kuantitatiboki maila gorena lortu dela dirudien arren. Euskal irakaskuntzari asko falta zaio Finlandiakoaren pareko izateko. Izugarri daukagu egiteko eskola den euskalduntzearen eremu garratzitsu horri askoz etekin hobea atera ahal izateko. Aje bezala eta hasiera hasieratik euskaldun berrien pisua aipatzen da artikuluan. Horrela esaten ez den arren, euskaldun berri izatea aje bezala ageri da, edo horrela irakurri dut nik. Kontuz! Euskadun berria zer den ere garbi ez dagoenean (1), euskaldunen erdia baino gehiago zaku horretan sartzen da, eta arazo bezala ageri dira euskararen erabilerarako. Kontraesana dagoela iruditzen zait hemen. Eskolak izugarrizko lana egin du baina euskaldun berriak sortu dituenez orain lan mundua behar da erdi-euskaldun guzti horiek ekinean jartzeko. Eskolak euskaldundutako euskaldunez ari bagara ezin dugu arazo bezala hitz egin, edo hartarako susmoa sortu. Nire uste apalean gure eskolaren arrakastarik handiena dira, hain zuzen ere, euskaldun hauek. Eta erabilera kontuan, etxetik euskaldun direnen arazo edo arrisku antzekoak dituzte. Lan-munduan euskararekin lotutako pizgarriak jartzeari ez diot arazorik ikusten hartarako dirua eta borondate politikoa egonez gero. Baina ez nuke lanaren mundua orokorrean aipatuko. Uste dut, gaurko gazteen lan-mundua begiratu behar dela lehentasunez, asko, izugarri direlako lanik ez duten eta ondo prestatuako gazte euskaldunak. Eta lanik izan gabe erdarara jotzeko arrazoi gisa lan mundua ezin erabili. Euskararen lorpenetan internetekoak ere ageri dira artikuluan; komunikabideetan ere asko egiten da, telebistan esaterako. Halere, dirudienez gazteek telebista gutxi ikusten dute, irratia ez dakit, eta egunkariak zer esanik ez; batez ere interneten bidez elikatzen den bideo mundua omen da alorrik erakargarriena gazteentzat. Zaharragoentzat ez dakit. Eta hor zer dago euskaraz? Dirua zertan gastatu badago, eta aipatu dudan mundu horretan asko gastatu daiteke. Badakigu gazte euskaldun asko daudela alor horretan ere gaituak direnak (marrazkilari, argazkilari, bideo egile eta informatika teknikariak), baina ez daukate lanik. Agian, euskarazko sorkuntza beharrezkoa den eremuetan eta gainera erabilera bereziki erakargarria duen horietan gastatu behar da diru gehiago. Gazte euskaldun ondo prestatutako asko dago internet bidez eragin izugarria duen mundu “izkutu” horretan dabilena, non irudiarekin batera hizkuntza ere erabiltzen den. Ingelesa beharrean, edo harekin batera nahi bada, euskara erabiltzeko ziztagarriak jartzea ezinbestekoa iruditzen zait. Seguruenik, nik ere ez dut asmatu elefantea zein den, baina behar bada, batetik eta bestetik elefante-kumeak ikusiko ditugu, eta ez dugu zorriekin dirurik eta denborarik galduko. Nolanahi ere, eskerrik asko Patxiri gogoetarako aukera emateagatik. (ITZIAR IDIAZABAL GORROTXATEGI Euskal Filologiako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren koordinatzailea) Oin-oharrak: (1) ikus ortega, a. eta beste, hiztun berrien hizkuntza-identitatea, nolako euskalduna naiz? bat soziolinguitika aldizkaria 87-88, 2013 (2-3) | 151-170. Euskararenurregorri Patxi Saez Beloki Kaixo Itziar: Lehenik eta behin, esker mila hartu duzun lantegiarengatik. Nik ez ditut inola ere «aje» edo «arazotzat» hartzen eskolaren bidez euskaldundu diren gazteak, alderantziz, nire ustez, euskarak duen altxorrik handiena dira: urre gorria. Hain zuzen ere, euskarentzat urre gorri direlako ez ditugu galdu behar. Eta, gaur egun, lan-munduak galbidean jartzen du gazte horien euskalduntasuna. Eskolaren bidez euskaldundutako gazteak dira eta, eremu erdaldunetan, ez dute hiztun komunitaterik izan hiztun oso baten gaitasun linguistiko guztiak garatzeko (hori da daukaten ajea). Euskara bigarren hizkuntza dute eta gaitasun komunikatibo mugatua lortu dute eskola izan dutelako beraien euskalduntasuna garatzeko iturri ia bakarra. Gazte horiek, heldu aroan, lan-mundu erabat erdaldunduan murgiltzen direnean kamustu egiten da beraien euskalduntasuna ia desagertzeraino. Horregatik eragin beharra dago lan-munduan, besteak beste, gazte horientzat euskarazko bizibideak jarraipena izan dezan, bestela, euskararen aurrerabiderako ezinbestekoak diren gazte horiek galdu egingo ditugu erdararen atzaparretan. Hurrengo 30 urteetarako hizkuntza plan sendo eta zehatz bat behar dugu Mikel Irizar Intxausti Oso bat nator artikuluaren hizkera eta diagnosiarekin. Ondo deritzot azpimarra enpresan jartzeari, esperientziaz bai dakit euskarak hor zenbat daukan irabazteko. Kutxan hizkuntza kudeaketaren arduradun izan nintzenean urrats esanguratsuak eta sistemikoak egin genituen, eta esperientzia bikainak metatu. Eskarmentu horretatik erantsiko nioke proposamenari lehen hedadura. Diru-pizgarriak, zentzu zabalenean hartuta ere, diruarekin lotzen dira zuzenean. Eta badira enpresarentzat beste mota batzuetako irabaziak ere. Dirua eskaintzea bezain eraginkorra izan daiteke, kasuan kasu, enpresari beste irabazi horiek aurkitzen laguntzea, analisi eta diagnosi egokien bidez (Ikus nire aspaldiko artikulu hau). Giltzarria da hizkuntzaren kudeaketaz ari garenean ere, enpresari hitz egitea bere parametroetan, erabakiguneetan daudenek ulertuko duten maneran. Horretan asmatuz gero, enpresak bilakaera oso azkarra izan lezake hizkuntzaren gaian, dirua tarteko izan gabe ere. Bigarren hedadura kontzeptualagoa da. Egia da euskara eskolan ikasi duen gazteak motibazio erantsia behar duela hizkuntza berria bere hautu nagusi bihurtzeko. Eta lan esparruan aurkituko duenak neurri handian baldintzatuko duela hautu hori. Onartzen dut, beraz, artikuluan duen lehentasuna aitortzea enpresetan eragiteari. Baina uste dut euskarak bizi duen unea –neurri batean artikuluak berak ere adierazten du- ez dela normalizazio prozesuan hobekuntzak egitekoa, baizik eta prozesu osoa berrikustekoa. Eta berrikuspen horretatik atera behar dela prozesu berri bat, beste 30 urtetarako ibilbidea markatuko diguna. Hain zuzen, honaino ekarri gaituen bidean hiztun berriak egitea izan da helburu nagusia. Eta helburu hori neurri batean lortu da. Eta hiztun berriak lortu ahala, funtzio eta esparru berriak irabazi dira euskararentzat. Gaur posible da ingurune batzuetan ehuneko handian euskaraz bizitzea, bizimodu oso irekia eginda ere. Baina hori lortu den neurri berean, egonkortu dira poltsa handiak –geografikoak eta funtzionalak- euskararik gabekoak. Hurrengo ziklo luzearen helburua izango da gaur egun ingurune batzuetan dugun aukera hori orokortzea eta eskubide bihurtzea. Eta horretarako beharko dugu hizkuntza plan sendo eta zehatz bat. Hain zuzen enpresa edo erakunde batzuk euskalduntzeko erabili diren tresnak eta hartu den eskarmentua erabilita. Nire ustez, normalizazioa teknifikatu egin behar da eta egungo eztabaida subjektiboetatik aldendu. Indar izugarria xahutzen dugu iritzi eta usteen gaineko liskarretan; objektibatu dezagun analisia eta datuen gainean hitz egin. Eta horrekin batera, normalizazioa politizatu egin behar da eta ‘estatu arazo’ bihurtu, hau da, alderdien interes legitimoen gainetik kokatu behar da hiztun komunitatearen gidaritzapean. Gizarteari azaltzen bazaio badagoela epe luzeko plan bat hiztun bakoitzaren hizkuntza hautua eta eskubideak bermatzeko, eta alderdi nahiz eragileak ados jarri direla plan hori bultzatzeko, orduan bai emango diegula herritar guztiei motibo bat pisu handikoa elkarbizitza marko horretarantz jotzeko, bakoitza dagoen lekutik. (MIKEL IRIZAR INTXAUSTI euskaltzale ekintzailea da) Gaia estrategikoa zaigu Paula Kasares Patxi, agur, Zure artikulua irakurri dut, gogo onez gainera. Lehenik, esker mila nirekin parkekatzeagatik. Halako hausnarketak beharrezkoak ditugu. Egunerokoak dakarren abiada zorotik ezin atera gabiltzala sentitzen dut anitzetan. Orokorrenetik xeheagora eginik, iruzkin hauek: * Gaia, ezin uka, estrategikoa zaigu, euskarak gizartean duen lekua bete-betean ukitzen duena. Zure tesia, testuan letra lodiz emana, hau da: Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak. Hala irakurrita, esaldia biribilegia egiten zait, lan mundua eta bertze munduak (aisi mundua, kultura mundua, familia mundua…) bereiz balihoaz bezala, eta lan mundu hori bat bakarra, bera eta beti-batekoa balitz bezala agertzen baita. Nago, aldiz, buruan enpresa mundua duzula gehiago, lan mundua oro harturik baino. Edonola ere, xehetasun batzuk eginik zer nola hartzen duzun azal zenezake eta zure tesia zehaztuxea eman. * Bertzalde, hizkuntzaren geroa sektore ekonomikoari lotzen diozu. Horretan ere, ez dakit iragarpen biribilik egiterik dagoen. Kultura-materialismo handiegia akaso. Nik dakidala, literatura soziolinguistikoak ez du argi frogatu arlo ekonomikoan eraginik bakarrik hizkuntzaren egoera braustakoan irauliko denik. Arlo sozioekonomikoan euskara beharrezkoa izatea hizkuntzaren gizarte irudian, balioan eta erabileran aldaketak ekarriko lituzkeela, ados, baina bertze munduez ahaztea ez da komeni. Ñabardura kontua izan liteke. * Proposamenei oharturik, euskarari gizarte-balioa emateko enpresetarako diru-pizgarriak ez ezik euskarari tokia egiteko dauden arrazoiak eta abantailak enpresek ikus ditzaten estrategiak ere aipa zenitzake. Ikus Kataluinian egin berri dutena Buruenik, ados zurekin, errealitatearen aitzinean utopiak sortzeko ahalmena inoiz baino (edo beti izan duzun bezain) bizirik behar dugu. Besarkada, Patxi, eta zure ataka horretan zaudela, kemen eta gogoa. Segi fin, (PAULA KASARES CORRALES Nafarroako Unibertsitate Publikoan Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko irakaslea da) Lan munduari merezi duen garrantzia Patxi Saez Beloki Kaixo, Paula: Bene-benetan estimatzen dizut nire artikulua irakurtzen eta iruzkintzen hartutako lana. Zuk egin dizkidazun antzeko oharrak egin dizkit Mikel Zalbidek ere nire artikuluaren gainean. Eta honako argibideak eman dizkiot idatzi dudanaren argigarri: "Soziolinguistikaren arlo honetan gabiltzanok jakin badakigu, oinarrizko jakin beharrekoa baita, multifaktoriala dela ahuldutako gure hizkuntzaren aje eta hutsuneen jatorria. Beharbada (zure arrazoien argitara hala dirudi), nire aldetik ez dago ongi adierazia elefantearen metafora. Ez dut inolaz ere esan nahi gure gaitz guztien iturri bakarra lan-mundua denik, ez eta egin ditugunak eta egiten ari garen guztiak dauden daudenean utzi eta gure indar eta ahalegin guztiak, gorputz eta arima, lan-mundura bideratu behar ditugunik. Inola ere ez naiz hori planteatzen ari. Adierazten ari naizena zera da: gure hizkuntzaren berreskuratzean, azken 50 urteotan, ibilbide bat egina dugula eta iritsi dela ordua lan-munduko atea zabaltzeko. Lan-munduaren atea zabaltzeak ez du esan nahi etxea, auzoa eta lagunarte hurbila, kafetegia eta tabernazuloa, kirola eta astialdiko eskaintza ahaztu behar ditugunik, lan-munduan euskara berreskuratzeko egin beharreko lanekin itsututa. Zuk ongi adierazten duzun bezala, orain arteko eskuhartze gehienak, neurri handi batean, 25 urte arteko hizkuntza sozializaziora bideratu ditugu. Nire uste apalez, bada garaia, orain arteko eskuhartzeei eutsiz, heldu aroko jardun esparrurik nagusienean ere, lan-munduan hain zuzen ere, eraginkortasunez jarduteko. Izan ere, orain arte, jaio eta lehen 25 urte horietan jarria baitugu arreta osoa eta ez gara ohartzen, gaur egun, euskararen historiako gazteriarik euskaldunena iristen ari dela lan-mundura eta erdera hutsean antolatua dagoen lan-mundu horrek erdararen uztarripean jartzen dituela gazte horiek guztiak. Hain zuzen ere, lehen 25 urte horietan gizarte egituretatik gazte horiek euskalduntzeko egindako ahaleginak eta erabilitako baliabide guztiak zapuztu eta galbidean jartzen ditu lan-munduak. Ukaezina da lan-munduak erabateko garrantzia duela pertsona ororen bizitzan. Heldu aroa lan-munduan ardaztuta dago eta, neurri batean, gure bizitzako lehen 25 urteak ere lan-munduari begirakoak dira. Eguneko ordurik gehienak lanean egiten ditugu eta bizitzako urterik gehienak (40-45 urte) ere bai. Gainera, lan-munduak, gero eta eragin handiagoa du etxean, familian eta lagunartean. Gaur egungo gizarte antolaketa dela eta, etatistikoki, lantokia da bikote harreman gehien sortzen den esparrua, baita lagunarteko harreman askoren sorlekua ere. Ez alferrik esna igarotzen ditugun ordu gehienak lanean igarotzen baititugu buruz buruko harremanetan, bilera, kafe-hartze, bidaia, lan-bazkari eta abarretan. Gaur egun, lan-munduko harremanak pertsonen arteko harreman intimoenetarako eta hurbilekoenetarako zubi izaten dira. Lan harreman horietan sortutako hizkuntza ohiturek eragin betea dute lankideen arteko bikote harremanean eta elkarbitzitzarako pausoa emanez gero, baita etxeko hizkuntza ohituretan ere. Lan-mundua euskalduntzeko dinamika eraginkorra abian jarriz gero, eragin betea izango luke etxetik hurbil dugun kafetegian eta tabernazuloan, janari dendan eta okindegian, kirol-ariketak egiteko gimnasioan edo min hartutakoan hitzordua eskatuko dugun kirol-medikuaren kontsultan. Izan ere, horietan guztietan lanpostuak daude eta lantoki horietatik herritarrei zerbitzu zuzenak ematen zaizkie". Nire ustez, Paula, lan munduari merezi duen garrantzia eman behar diogu, izan ere, maiz, begibistan dugun "elefantea" den arren nekeza egiten baitzaigu behar bezala neurtzea gure gizarte bizitzan duen benetako eragina. Mila esker, berriz ere. Lan-mundua euskalduntzea problema nagusietako bat Zigor Etxeburua Epa, Patxi Eskertzen dizut konfidantza, benetan. Tira, egin dituzun baieztapenak, denak, nire egiten ditut. Hori bai, horiez gain ere beste batzuk behar direla uste dut. Hau da, zure lehen aipamenak (“Problema txikiez ardura zaitezke, problema nagusia ikusi gabe. Hori izango litzateke zoologikora joan eta bakarrik zorriak ikustea, elefantea ikusi gabe”, Fishman) dioena hartuz, problema-elefante nagusia dela lan mundua euskalduntzea diozu, baina problema-elefante NAGUSIETAKOA dela esango nuke. Besteak: Hezkuntza A eredua baztertu behar da, hezkuntzaren derrigorrezko maila guztietan. Euskalduntzen duen hezkuntza behar dugu, eta hori oraindik ez dago ziurtatuta. Pentsa, euskaraz nahikotasunez jakingo ez duten belaunaldi berriak ari gara fabrikatzen, oraindik. Noiz eta zergatik euskaldunduko dira ez-euskaldun horiek? eta euskalduntzen ez badira, 80 urterako (bizi esperantza) arazoa dugu, ziur. Horrekin batera, helduen euskalduntzea doan behar du. Ezagutzen duzu horren inguruan dudan iritzia, gaztelaniaz jaso nuen iritzi artikulu honetan Estatusa Lan mundua euskalduntzea nola? une batean aipatu duzu lanpostu guztietarako euskararen eskakizuna derrigorrezkoa izanda, baina ez duzu zehazten enpresen-langileen borondatez izango den hori, legez behartu beharko den... Argi dago LEGEZ egiten ez bada, gaurkoan jarraituko dugula . Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretua bide bat da, gutxieneko demokratiko bat bermatu behar duena: euskaraz artatua izateko eskubidea. Lan mundua euskalduntzeko bidean, ZERBITZUAK EUSKARAZ ematea inflexio puntua da, legea betetzea esan nahi duelako (justifikatua, eztabaidaezina), zerbitzuen arloak langile asko dituelako eta zerbitzuen arloa indartzen ari delako. Gainera, lana euskaraz egitera iristeko palanka bikaina da, urrats asko aurreratzen eta behartzen dizkie enpresei. Edonola, kanpoan behartzearekin batera, administrazioak berak eredu behar du, eta horri dagokionez, KONTRAESAN betean bizi da EAEko administrazioa. Ez ditu bermatzen euskaldunon hizkuntza eskubide aitortuak, ez ditu zerbitzu guztiak euskaraz ematen. Euskararen legearekin batera jaiotako gazteei zer esango die bere zerbitzuak euskaraz eskaintzeko gai ez den administrazioak? Are okerragoa da ordutik aurrera jaiotako gzteei (nire alaba gazteena 2010koa da, eta bere pediatrak hortxe hortxe daki euskaraz). Administrazio guztiek BATERA ezarri behar dituzte neurri eragingarriak, aldaketa benetan eta bizkor gerta dadin. Hain zuzen ere, Gipuzkoan abiatu dugun bidea helburu horrekin hasi dugu. Sentiberatzea Horrek guztiak behar du erdaldunak ENPATIZATZEA euskaraz bizizalearekin. Ezin du jarraitu euskaraz bizizaleak izateko baimena eskatu beharrean. Estres linguistikoa, benetakoa, mingarria, larria, ez euskaldun berriak bizi duena (ez diot garrantzirik kentzen, erlatibizatzen baizik), euskaraz bizizaleak bizi du. Edonola, euskaraz bizi nahiko duten euskaldunak behar ditugu, eta horretan ere insistitu behar dugu. Ildo horretan aspalditik/dagoeneko ari gara erakunde eta elkarte askotatik, eta ondo ari gara, hobeto egin daitekeen arren (mezua sektorializatuz, adibidez). Tira, baliagarri bazaizu, on egin! (ZIGOR ETXEBURUA URBIZU Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararako zuzendari nagusia da) Unea dugu 35 urteko eskarmentua bildu, aztertu eta aldatzeko Roberto Manjon Lozoya Kaixo Patxi. Iruditzen zait euskararen normalizazioaren gainean maila batean ari diren testu gehien-gehienak ezintasuna saihesten dabiltzala, begiak ixten, eta horretarako alboratzen dugula diagnostiko benetako bat egiteko aukera, kontzienteki nahiz konturatu gabe. Horrela, idealismoaren bidetik zein anbiguetate eta kontzeptu lausoen eremuan bilatzen dugu abaroa. Bizkar ematen diogu azterketa naturalista bati, hots, egitateei estuki loturik hausnartzeari. Horrela, batetik, analisiaren oinarrizko langaiak alboratzen ditugu, eta bestetik, esangura lausoko kontzeptuak -edo esangura gabekoak- erabiltzen ditugu, gure aurreiritziekin bat datozen ideietara heltzeko. Adibidez, euskaldun, hiztun, ezagutza erabiltzen ditugunean, zer esan nahi dugu? Edo zein da hitz horien esangura? Benetan "800.000 hiztun izatera iritsi da" euskara? Benetan Bilbo da "euskaldun gehien bizi den hiria"? Ez dut uste. Euskara-agiri bat eskuratu duena euskalduna da? Zein da euskaldunaren baliokide homologagarri bat? Anglono? Ingeles? Euskalduna izateko euskal hiztun-herriko kide izan behar da? Hizkuntza ezagut daiteke erabili gabe? Ez dut uste, are gehiago, eguneroko bizitzak erakusten digu ez dela horrela. Adibide bat jarriko dizut: Bilbo-Basurtuko osasun-erakundearen euskara-zerbitzura hurbiltzen diren hamar euskaldunetatik zortzi erdaraz zuzentzen zaizkigu, eta jarrera alde batera, utzita, nolanahi ere den, sarritan ez dute euskaraz jarduteko gaitasunik, ezta EGA agirian eskuan dutela ere. Horretaz gainera, euskararen erabilera diogunean, argitu beharko genuke erabilera zer den, erabilera ez baita gauza bat eta bakarra anizkuna baino, nahiz erabilera-mailak desberdinak direla, nahiz erabilera-eremuak, nahiz gaitasunak diferenteak. Adibide diakroniko bat, konparazione. Euskal herri hagitz euskaldun bateko etxe oso euskaldun batean, duela hamarkada batzuk erabilerak bazuen sendotasun bat, trinkotasun bat, kutur batasun bat, bizitzaren alderdi ia guztiak besarkatzen zituena: denak ziren euskararen arnasguneak. Egun, ondikoz, euskaldun horien hizkuntza-jarduera zulatuta dago, mehetuta, zatituta beste hizkuntza eta segmentu kultural batzuek zeharkatuta, partekatuta, nahastuta. Baiki, badakit, ez gara itsuak, eta zeu, neu eta gehienok arazo kontzeptual hauetaz kargututa gaude, alta, ez gara koherente izaten ezagutzen dugunarekin, ez dugu jakin nahi. Agian, aldez, positiboa da jokabide hori, kemen apur bat eskuratzen dugunez geroztik ezjakintasun horretatik. Egiak ez dira berez onuragarriagoak ideia faltsuak baino: zertan laguntzen duten da gakoa. Zorrotzagoak izan nahian, euskaldun kontzeptua euskal hiztun-herriko kide esangurara mugatzen badugu -komeriak edukiko genituzke hiztun-herri hori ere zedarritzeko-, zehaztu beharko genuke maila soziopolitiko, sozioekonomiko, soziokulturalean balizko herri hori zer den, zer mami duen. Arazo horretaz ohartarazi nahi izan nuen "Etxean nagusi artikuluan" (Berria) eta, berriki, "Euskalgintzatik euskal gizartegintzara" artikuluan. Hala da; alferrik dihardugu euskal herria materialki zer den kontuan hartzen ez badugu. Euskal hiztun-herria maila horietan ezer ez bada, ezin izango da biziberritu, suspertu, eta halatan, plan guztiak lasto fits izango dira, hutsaren hurrengoa. Gure buruaren egitura linguistikoak ere tronpatzen gaitu, filosofatzen du, oker, gure ordez: subjektua+objektua+aditza. Hizkuntza subjektutzat edo objektutzat hartzen dugunean - "euskarak aurrera egin", "euskara biziberritu", "normalizatu" -, ez gara konturatzen metaforaz hitz egiten ari garela, hobeto esanda, metonimia batez, berez, hizkuntza ez baita ezer, ez du gorputzik: hiztunak daude, hiztun-erkidegoak, giza taldeak, eta hiztun horien jokabide linguistikoak, sozialak, politikoak, ekonomikoak ... Beraz, euskararen arazorik ez dago, edo bestela esanda, zorrozki, ez dago arazo linguistikorik, soziokulturala baizik, eta soziopolitiko, sozioekonomiko. Gure arazoa poliedro bat da, eta aurpegi horiek ditu batasun batean. Azken finean, eskematismo osoz, esan dezadan botere-arazo bat dugula (botere soziala, ekonomikoa, politikoa, kulturala, linguistikoa). Zeuk egiten duzun bezala, zilegi da geure buruari itauntzea ea euskara bigarren hizkuntza izatea nahi dugun, alegia, ez ama-hizkuntza bat, edo lehen hizkuntza. Bestela esanda, ea nahi dugun euskaldunak -hiztun-herria- bigarren mailako gizarte-jarduera batzuetarako bildutako erkidegoa izatea, adibidez, Euskararen Eguna eta zenbait kultur ekitaldi erdi erritualizatu batzuetarako. Nire iritziz, euskarak bigarren edo hirugarren hizkuntza gisa ez du etorkizunik, ezin baita herri edo erkidego izan, ez behintzat horren gaineko lotura sendoagorik ez badago, esate baterako, erlijiozkoa (juduak), kulturazkoa (ijitoak) eta horien eratorriak eta nahasketak. Denok ezin gaitezke hiztun-herri baten periferiko, norbaitek izan beharko du guneko kide. Zeren, berez, zer eskaini ahal dio balizko euskal hiztun-herri aizun horrek herritarrari? Euskalduntasuna kultur izariz gabeturik badago, izari sozialik ez badu, orduan, zer du? Hain interesgarria ote da euskararen inguruko kultura gero eta arruntagoa? Euskarak bakarrik egingo du interesgarri? Nolako euskara da kultura globalizatu bat adierazten duena, berezko mundurik ez duena? Horiek horrela, gaia perspektibaz ikus dezagun: euskal herria gizartean gora ez badoa, ez ekonomian, ez kulturan, ez politikan...., alderantziz, menderik mende behera badator eremu horietan guztietan, orduan, nekez ondoriozta genezake mundua irabazteko moduan gaudenik, ezta gure txokotxoaren ondoko kaletxoa ere. Eta guztiarekin ere, euskalgintzak, sozialak nahiz instituzionalak, buruan daroa ardatz estrategiko nagusia euskal herriaren hedapenak izan behar duela, handituz joateak, gizartea azpiratzeari buruz goazelarik. Eta, halarik ere, inork ez du azaltzen, argitzen, zehazten, zentzuz bederen, zabalkunde hori nola egiten den, zertan oinarritzen den. Ardatz nagusi gisa, ez ote da hiztun-herria trinkotuz joateko xedea zentzuzkoagoa? Behinola horixe proposatua izan zen, hots, geure burua defendatzean datzala gure lantegirik behinena, nahiz eta hedapenari bekozkoa ez jarri, ez erabat behinik behin. Aitzitik, bide galduetan gabiltzalarik, iparrorratza magnetizaturik (imantaturik), atzerantz goaz oinarrizkoenean, nola arnasgunetan hala euskaldunen familia-erabileran ere. Trinkotzearen gaia behin baino gehiagotan jorratu dut, iragaitzez batzuetan, zuzenki noizbait; interesik baduzu, irakurri "Euskararen jarraipena eta azpiegitura handiak Euskal Herrian" (Bat, 72, 2009-3). Zerbait argi daukat hamaika zalantzen artean: gizartearen norabidean aldaketa sakonak gertatu behar dira euskal hiztun-herriak bere burua aurrera aterako badu, orain arteko norabidea aldatu gabe, lehengo bidetik gabiltzalarik, hodeiertzean dakusagun tokira helduko baikara, Hadesen erresumara. Ez naiz baikorra, ez baitut ikusten bidetik datozen aldaketak gure alde daudenik, ez behintzat gehienak ez eragingarrienak. Are gehiago, guk geuk ez dugu aldaketa sakonik nahi, gure garaiko gizakumeak baikara, gure garaiko gauzak baititugu gustuko, ez ordea gure bizimodua eta sinesmenak inarrosi ahal dituzten aldaketak. Izaki bizidun guztion inertzia naturalaren eskutik, segurtasuna nahi dugu, eta gure gorputzeko fluidoek behartzen gaituzte pentsatzera historiaren gailurrean gaudela, iragana iluna, odoltsua, ankerra, jasanezina izan dela: vade retro, utikan! Amaginarrebak esaten zuenez, Koru ta altari alda batera ezin leike (korua eta aldarea ezin daitezke aldi berean izan), baina geuk bietan nahi dugu aldi berean egon. Barkatu berriro nire burua aipatzen badut, baina artikulu batean espekulatu nuen euskal hiztun-herriak izan lezakeen balizko irtenbide bati buruz, zientzia-fikziotik hurbil, baina golkoan darabilgunak ez zidan ematen beste aukerarik: "Bigarren globalizazioa: amaieraren hasiera?" (Uztaro 74, 2010). Horrenbestez, hezkuntza da gure aitzakia nagusi, ihesbide eta itxaropena. Nire aburuz, eskolak ez du euskalduntzen -gure baldintzetan, oro har, ezinezkoa da, J.Fishmanen teoriaren arabera -. Beraz, ezin dugu pentsatu, ez bete-betean behintzat, "eskolak euskaldundu duena lan munduak erdaldundu egiten du". Jakina, diozunez, argi dago euskarak -hiztun herriak- gizartean inoiz aurrera egingo balu, alegia, boterea berreskuratuko balu, lan-mundura zabaldu eta hein batean bederen menderatu beharko lukeela. Baina nago une honetan Euskal Herriko inguru gehienetan antzua litzatekeela esfortzu hori, eta arrazoia arestian esana da: ez dugu horretarako gizarte-oinarririk; lekutan gaude, oro har, inflexio-puntu horretatik. Noski, baldintza egokiak daudenean, gakizkion, ekin, lan-munduari, baina ez gaitezen lehentasunetan tronpatu, arrunt egiten dugun bezala. Bestalde, diozunaz oso bestera, euskararen ezagutza giltzarria da Administrazioko hainbat lanpostuz jabetzeko, gehienetan oso atarramentu apalarekin edo bat ere gabe. Zergatiak ez ditut berriro hona ekarriko. Azken finean, lan-mundua euskalduntzea ez da berez burugabekeria, alabaina, burugabekeria abiaburua bera da, hots, abiaburu eza. Noraino ote da bideragarria gaur egun lan-munduak euskaraz funtzionatzea? Noraino da bideragarria administrazio publiko, gobernu, osasungintzarentzat? Zein dira jarduera-eremu horiek guztiak zeharkatzen dituzten sare juridikoak, ekonomikoak, politikoak ...., eta linguistikoak? Non dituzte sareok botere-guneak? Zein dira gure giza oinarriak eta oinarri materialak, gune ekonomikoak, botere-guneak, gizatalde teknikoak, langileria ..., euskaraz lan-munduan jardutea erakarria izan dadin edo, areago, ahalbidetzeko modukoa izan dadin? Nork erabaki behar du enpresak euskaraz funtzionatzeagatik diruz laguntzea? Erdal munduko agintariek apika? Badago edo egon daitezke bestelako agintaririk? Zein gizartek onartu eta sustatu behar du inbertsio eskerga hori? Menturaz, erdal gizarte honek? Amaitzeko azpimarratu nahi nuke ez dagoela konponbide magikorik, eta horien artean sartzen ditut normalean proposatzen ditugun aterabide idealista horiek, kasu, itxaropena hezkuntzan jartzen dutenak, edo funtsean berdina dena, kulturaren aldaketan eta antzeko sasi konponketetan. Ohituta gaude arazo gehienen iturria eta irtenbidea eskolan ikustera. Orobat, sarritan entzuten dugu ardatza euskarazko (kultur) ekoizpen erakarriak sortzea dela; hori ere zerbait magikoa da, zeren, zerk egiten du produktu bat erakargarri? Gaurko gizartearen balioetan, nekez izango da euskal hiztun-herriari loturiko zerbait, eta oso erraz EEBBetako auzo zikin, satsu, kirastu, lizuntsu eta erdi hondatu bateko gaizkile beltz batek sortutako ia edozer. Esan gabe doa ezen txalogarriak direla euskal ekoizpen onak sortzeko ahaleginak, behar ditugu-eta, noski, eta halaber, nire mirespena merezi dute euskara lan-munduan sustatzeko ekimenek ere. Arazo ez datza hor: arazoa balioespen, itxaropen, lehentasun, eta estrategia oker edo egokiak asmatzean datza. Eta ez dugu denbora luzerik ez sobera baliabiderik xahutzen ibiltzeko. Hala, bada, nire uste apalez, ahalegindu gaitezen burua lepo gainean izaten eta eskarmenturik ikasten, izan ere, unea dugu 35 urteko eskarmentua bildu, aztertu eta aldatzeko. Eta uneak ez dira itzultzen, ez bada filosofoak aurreikusi zuen zer beraren betiereko itzuleran. Kontsolamendu zoroa (eta agian horregatik, mistikoki, beharrezkoa). Ondo izan eta gora bihotza, zure liburuan esaten zenuen bezala, gure borondatea behintzat hor da, eta funtsezkoa da, guretzat behinik behin. (ROBERTO MANJON LOZOYA Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuko Euskara arduraduna da) Etorkizuneko erronka nagusiak finkatzeko ekarpen kualifikatua Iñaki Iurrebaso Biteri Oso gustura irakurri dut Patxi Saezen artikulua. Bereziki interesgarriak iruditu zaizkit gogoetaren tonua, argudiatze moldea eta egileak erakusten duen inplikazioa. Azken urteotan euskalgintzaren inguruko gogoetetan aipatzen den bezala, ziklo luze baten bukaeran eta beste bat hasi nahian gaude euskaldunak. Patxiren artikuluak testuinguru horren usaina du nabarmen: eguneroko lanetik burua altxatu, eta epe luzeko ikuspegiz etorkizuneko erronka nagusiak zein diren finkatzerakoan ekarpen kualifikatua egin digu artikulu honen bidez. Izan ere, euskararen berreskuratze bidean proposamen argia planteatzen du Patxik hurrengo hamarkadetarako: lan mundua euskalduntzea da euskarak EAEn duen erronka nagusia. Bereziki baloratzekoa iruditzen zait Patxiren inplikazioa. Nabarmen busti baita artikulu honetan. Euskararen inguruan ari garenean, dezente hedatutako joera baita “guztia da garrantzitsua” pentsatzekoa eta “lehentasun” anitz finkatzekoa, praktikan hainbatetan lehentasunik batere ezarri gabe. Patxik, ordea, argi eta garbi egiten du apustu: lan mundua da lehentasuna. Ausarta iruditu zait, gainera, lehentasuna hor ezarrita, aurrera egiteko garaian ere bidea zein den argi proposatzea: diru pizgarriak behar dira enpresak euskalduntzeko. Asko gustatu zait, halaber, artikulua osatzeko Patxik darabilen argudiatze moldea, iritzi subjektiboetan baino gehiago egoera soziolinguistikoari buruzko datu objektibagarrien gainean sendo eraikia. Patxiren tesi nagusiari helduz, lan munduarena al da euskararen “elefantea”, etorkizunean landu beharreko jardun-gune nagusia? Patxik dioen bezala, gure egunerokotasunaren zati handi bat lanean pasatzen dugula kontuan hartuta, eta lan munduak berez duen “prestigioa” aintzat hartuta, ukaezina iruditzen zait lan munduak duen garrantzia. Neroni, hala ere, zaila egiten zait beste hainbat eremu “lehentasunezko” ez izendatzea. Nire iritziz, etorkizuneko erronkak finkatzerakoan garrantzi berezia izan beharko lukete, batetik, azken hamarkadetan ziurrenik gutxien aurreratu izan diren alorretako bik: familiako transmisioa eta erabilera babestea eta indartzea batetik eta lagun arteko harreman informaletan euskara sendotzea bestetik. Eragiten zailagoak diren alorrak izanik ere, funtsezkoak iruditzen zaizkit euskara etorkizunean osasuntsu gara dadin. Oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit, halaber, hedabideen eta teknologia berrien alorrak, non, Patxik dioen bezala, euskarazko eskaintza minimo bat bermatua egon arren gaur egun, euskarazko kontsumo mailak bereziki apalak diren oraindik. Bukatzeko, eta lan munduari dagokionez, Patxik iradokitako bideari ekarpen bat egingo diot: euskara sustatzeko Patxik proposatzen duen bidean aurrera egingo balitz, interesgarria litzateke politika publikoek udalerri euskaldunenetako enpresetan eragiteari lehentasun argia ematea, euskararen etorkizuna bermatzeko hil edo bizikoa baita euskal guneak trinkotzea eta arnasguneak babestea. Ikuspegi praktikoago batetik, gainera, errazagoa eta eraginkorragoa izango da udalerri euskaldunagoetan eragiten hastea zonalde erdaldunagoetan eragitea baino. Hurrengo hamarkadetarako norabidea finkatzeko ahaleginean, ongi etorria izan bedi Patxiren azterketa ausarta, eta etor bitez proposamen konprometitu gehiago. (IÑAKI IURREBASO BITERI soziologoa da) Eztabaidarako dokumentua Imanol Esnaola Arratsalde on, Patxi: Ohiturak eraginda artikuluaren amaierara jo dut (erreferentzietara) artikulua generoaren ikuspegi teknikotik aztertu nahian. Hantxe topatu dut zure osasun egoerari buruzko aipamena. Zer esan? Ezagun zaizkit halakoak eta eutsi larruari tinko! Hori esanda, zure lana iritzi artikulu jasoen eremuan kokatuko nuke, tesi baten oinarriak jarri eta iritzi edo proposamen bat gorpuzteko egiten ditugun horietakoa, ez genuke “literatura grisa” deitzen den horren eremuan edo lan dibulgatiboen eremuan kokatuko. Eztabaidarako dokumentua da. Hel diezaiogun hortik. Hortik begiratuta, nire iritziz baliatzen dituzun erreferentziak (eta falta diren beste zenbait, besteak beste eremu geografiko desberdinetako problematikari dagozkionak) lan munduak duen garrantzia azpimarratzeko baliatzen dituzu. Neuk ez nuke eremu propositiboa horrenbeste mugatuko. Zabalago hartuko nuke kontuan izanik adin-talde, lurrade-eremu eta bestelako zirkunstantzia sozialek hizkuntzaren inguruan dinamika desberdinak sortzen dituztela. Esaterako, lan-mundua esatean hainbat eremu daude eta bakoitzari eginkizun bat eman behar, alegia, tailerrean lan egin, administrazioan, gerentzian edo salmentan, ez da gauza bera eta kasu bakoitzaren gaitasun “birtuala” zehaztu beharko genuke plangintza helburuz aplikatu ahal izateko. “Donuts” saltzaileen kasuan banatzaileak berebiziko eragina du, Panda Softwareren kasuan zer axola dio kontseilari ordezkaria nongoa den programatzaileek euskaraz egiten badute… Baina horrezaz gain, kultur ekoizpenetan hizkuntza aldetik eragileak zein diren zehaztu behar genuke mundu sinbolikoaren eragina baldintzatzeko (Katalanaren legean berebiziko garrantzia eman zioten orain 15 urte) eta horrela lan munduarekin batera hainbat esparru, formalenetatik intimoenetaraino. Tesia hauxe izan zitekeen, erabilera esparruen kategorizazio berri baten beharra eta horren araberako plangintza baten garapena. Edonola nire ikuspegitik gakoa ez dago “planifikazioa” erdigunean jartzean. Planifikazioa kontzeptu lausoa da, planfika daiteke goizago iristeko, beranduago, elkartuago, zatituago. Planifikazioa ez da bakarra, eta kontraplanifikazioaren eragina ez dugu gutxietsi behar. Beraz, planifikazioa baino kontzeptu sendoago bat behar dugu artikuluaren haria (iparrorratza)bideratzeko, esaterako: Normalizazioaren hurrengo helburuak eta bideak, berreuskalduntzea xede. Badakit “berreuskalduntze” kontzeptua eremu politikoan minbera gerta daitekeela, baina euskaltzaleon eremuan… Gure garapen intelektuala ez luke baldintzatu behar euskararen kontra dihardutenen aldarteak. Besterik da gero nola sozializatu. Euskara lanbide dutenen nahigabe eta ezinak aipatzen dituzu. Ederki ezagutzen ditut, baina, demagun euskararen berreskuratze eta normalizazio teoria baten arabera, lanpostu eta eginkizun sozial desberdinak kategorizaturik ditugula. Kasu horretan, udal teknikarien xedea, eginkizuna eta espero zaizkion emaitzak tasaturik izango genituzke, baina halako sailkapena egin gabe dugun aldetik hizkuntza teknikaria uholdearen aurrean dagoen suhiltzailearen modukoa da, ari eta ari eta ezin bustialdia eragotzi, gehienez, eremu bat babestu eta bestea xukatu. Gainera, teknikari askok arazo hori gabezia pertsonal moduan bizi dute eta gainerakoen gabeziak (profesional eta arduradunenak) bere egiten dituzte, baina ez da egia, tresna bakoitzak bere eraginkortasuna du eta konbinazioz bakarrik lor daitezke emaitzak. Fishmanek dionarekin ere ez nator guztiz bat, txiki eta handiaren arteko diferentzia nondik begiratzen den da, euskararen kasuan berebiziko garrantzia izan du eta du txikizkako normalizazio lanak, hor ulertu behar da plangintza oro, ekintza desberdinen arteko uztarketak Azken 50 urteak, euskararen pizkundearenak direla diozu. Ados! Baina zein da xedea, egiten ari denaren xedea, euskara bera ala euskalduna / euskal hiztun taldea? Euskal hiztun taldea da hizkuntzari eutsi eta geroratzen duena. Ikuspegi horretatik azken 50 urteak gazi-gozoak izan dira. Esaterako euskal hiztun taldeak nozitu duena Ipar Euskal Herrian edo Nafarroa Garaian, udalerri euskaldunek bizi izan dutena… gure oraingo balantzea ez da egin behar 1970ean zegoenaren arabera, gaur egun behar-beharrezkoak ditugun baldintza eta elementuen arabera baizik. Eta horretan ez naiz zeu bezain baikor. Azken batean euskararen arrakastak aipatzen dituzu, baina nik euskarak eta euskaldunek kristalezko sabai ugari topatzen dutela esango nuke hainbat esparrutan, horren arabera plangintzari oinarriak emateko. Azken aipamen bat, adostasun politikoaren osagaiak bere baitan osagai distortsionante bat du, adostasuna ez da hizkuntzaren gainean ehuntzen, paktu orokorragoen gainean baizik, horrela, adostasunaren helburuak beste nonbait jarri ondoren eraikitzen da hizkuntza politika, besteak beste, ez baitira euskal hiztunen eskubideak erdian jartzen. Tira esandakoak ez dakit askorik balio duen, baina iritzi trukerako aberasgarria gertatu zait, zeuri ere hala izatea espero dut. Animo zailtasun berrien aurrean! (IMANOL ESNAOLA Gaindegia behategiko koordinatzailea da) Aldi aldaketa alde izan dezagun Kike Amonarriz Ongi definitu du unea Patxi Saez adiskideak: “Azken 50 urteak euskararen pizkundearen aldi bat izan dira. Oso aldi emankorra”. Hizkuntzaren normalizazio prozesuan etapa aldaketa baten erdian gaudela esango nuke, eta horren adierazpiderik nagusiena “lehendabiziko hiztun osoen belaunaldia” da. Gazte hauetako gehienek D ereduan ikasi dute, jatorriz erdaldunak dira, euskara batuarekin eta euskal telebistarekin jaio dira, euskararen erabilera ofiziala ezagutu dute (hala den eremuetan), sare sozialak eta Internet euskaraz erabiltzeko aukera izan dute… Belaunaldi hau da urteotan lan munduan sartzen eta guraso izaten hasi dena. Eta beraien hizkuntza portaerak eta praktikak erabakiko dute hein handi batean euskararen garapena eta norabidea: estatu-hizkuntza normalizatuen egoerara hurbilduko gara edo Irlandako gaelikoaren bidea hartuko dugu? Hizkuntza egoera guztiak dinamikoak dira. Horregatik da kezkagarria hainbat esparrutan euskararen bilakaerak ageri duen “impasse” moduko egoera: kale neuketetan edo etxeko erabileran hobekuntza nabarmenik ez, euskarazko hedabideen kontsumo datuak, hainbat ikastetxe eta unibertsitateren ezintasuna erabilera sustatzeko, herrietan dinamika indartsu berri gutxi, etab. Jon Sarasuak “Hiztunpolisa” liburuan dioen bezala, euskararen “botilak zuloak ditu, betetze-erritmo jakin batetik behera ibiliz gero gehiago hustera egiten dutenak”. Alarmarik ez, baina kasu, beraz! Hori dela eta, ezinbestekoa iruditzen zait hurrengo 25-30 urteetara begira, euskararen normalizazio prozesuari bulkada estrategiko berri bat ematea eta urte hauetan guztietan administrazioan eta euskalgintzan sortu diren inertziak astintzea. Euskarak jauzi kuantitatibo eta kualitatiboak behar ditu: ezagupenetik erabilerara, periferiatik erdigunera, irakaskuntzatik lan mundura, gelatik kalera, ohikotik berrira, 2. hizkuntzatik 1. hizkuntzara, gune euskaltzaletatik gizarte osora. Zentralitatea eta lehentasuna behar ditu, bai agenda politikoetan eta baita eragile desberdinen egitasmoetan. Horretarako klabe nagusi batzuk aipatzen ditu Patxik: ”botere-egituren erabakiak, agintari politikoen arteko adostasuna, eliteen aldaketa...” Eta lan-munduan jartzen du arreta nagusia “horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia”. Problema nagusia baino, nagusietakoa dela esango nuke. Irakaskuntzarekin batera, 3 eremu estrategiko ikusten ditut: erabilera ez formalari dagokion eremu zabala (etxea, eskolorduz kanpoko jarduerak, aisia…), kulturgintza eta hedabideak (sorkuntza, eskaintza, kontsumoa, sare-sozialak…) eta Patxik dioen bezala lan-mundua. Aipatu dituen puntu gehienekin ados banator ere, ñabardura garrantzitsu bat egingo nuke lan-munduan euskara txertatzera eramango duen arrazoi nagusiaren inguruan. Garbi dago, era honetako egiturazko aldaketa bat gauzatu ahal izateko diru-pizgarriak eta laguntza instituzionalak ezinbestekoak izango direla, baina horiek baino garrantzitsuagoa iruditzen zait lan-munduan parte hartzen duten eragileen motibazioa, inplikazioa eta ekimena. Enpresari, arduradun edo/eta langile eta sindikatuen kontzientzia aktiboak bermatuko du, nire ustez, euskararen erabilera lan-munduan. Eta hori bultzatzeko lagungarriak izango dira diru-pizgarriak, baina baita administrazioaren eta bestelako eragileen eskaera enpresei: esleipenetan, ahoz nahiz idatzizko harremanetan, produktu eta zerbitzuetan erabili beharreko hizkuntzetan, baldintzetan, etab. Nire ustez, kontzientzia aktiboa eta euskararen eskaera hori zabaltzen diren neurrian euskaldunduko da lan mundua. Azken batean, artikuluaren amaieran esaten den bezala “euskaltzaleen ekimen sutsua, gizartearen onarpen zabala eta botere egituren erabakiak” beharko ditugu lan-mundua euskararen erabilerarako gune bilakatu eta bertan euskara beharrezkoa bihurtzeko. (KIKE AMONARRIZ GORRIA soziolinguista eta komunikatzailea da) Euskara erdigunean jarrita: sinple bezain gaitz. Txerra Rodriguez Zorriak Ez dakit Patxi Saezek artikuluan dioena hala den, ez dakit, baina gustatuko litzaidake jakitea. Elefantea zein dugu? Zeintzuk zorriak? Eta zeintzuk elefanteari buelta emateko egin beharrekoak? Izan ere, Patxik aipatutakoa ez dakit elefante nagusiena den, baina argi dago elefantea dela. Lanean ematen ditugun orduak aintzat hartuta, argi dago etorkizunean orain arte baino garrantzi gehiago eman behar diogula euskaldunok lanari. Jakina. Datuak datu eta iritziak iritzi, horri oratu behar diogu orain arte baino gehiago. Eta, agian, errazenetik hasita. Zerbitzugintzatik, hain zuzen ere. Izan ere, euskara kudeatzeko plana duten enpresa asko gaur eta hemen industrialak dira. Baina jendartean duten eragina ez da oso handia. Zerbitzuetan, aldiz, eragina handiagoa da (biderkatzaileagoa behintzat). Eta haiei zelan eman aurrerabidea? Argi dago legeek (dekretuek, arauek edo dena delakoek) eragina dutela eta orain arte baino indartsuagoak eta xeheagoak behar ditugula. Eta bete beharrekoak, beste edozein lege bezala. Baina ezin dugu ahaztu behar kontsumitzaile gisa dugun indarra. Eta hori ere baliatu behar dugu. Gero eta gehiago kontsumitzen (ei) ditugu bertako produktuak, ekologikoak eta abar. Eta hizkuntzaren aldagaia ere sartu behar dugu hor, indartsu, antolatu eta egituratu. Beste elefanteak Gaitasunak eta praktikak (edo ezagutza eta erabilera). Praktikak eta gaitasunak. Eta aukeratu. Troinu horretan ere dantza egin behar dugu sokasaltoan estrapozu egin barik. Eta orekatu, eta oreka lortu eta aurrera jo. Zerk bultzatzen du pertsona bat euskararen aldeko hautua egitera egunerokoan? Zerk ez? Zerk oztopatu? Jirabira horretan aritu beharko dugu aurrerantzean orain baino finago, dezente finago (h)aritu. Soziolinguistika horrexegatik existitzen da: pertsonok (elebidunok behinik behin) aukeratu ahal dugulako. Alde batera edo bestera, euskara edo erdarak, gure kasuan. Eta aukera horiek egiteko arrazoiak elikatu behar ditugu azken finean: zerk eramaten du pertsona bat hizkuntza bat hautatzera? Zerk ez? Orain eta hemen. Nik uste dut galdera hori egon beharko litzatekeela egiten dugun ororen atzean. Honek laguntzen du pertsona bat(zuk) euskara aukeratzera? Eta lanak laguntzen du, noski laguntzen duela, baina beste gauza askok ere laguntzen dute. Eta horiek, agian, gure komunitateak dituen beste elefanteak dira: hezkuntza, lagunarteak, administrazioa, komunikabideak, kulturgintza, herri-giroa, … Elefanteak elefante, integralago eta osoago jokatu behar dugu aurrerantzean, nitik eta gutik, haiek ahaztu barik, arnasguneetan eta “itoguneetan”. Goitik behera eta behetik gora, ezker-eskuma, traganarruen antzera, zintzoago eta biluziago. Eta zelan egin hori? Ez dakit, baina barruntatu dezaket: euskara (euskaldunok!) erdigunean jarrita eta bestelakoak kenduta (alderdikeriak eta enparauak). Sinple bezain gaitz. (TXERRA RODRIGUEZ GOMEZ soziolinguista da) Elefantea familia barneko hizkuntza-transmisioa da Nick Gardner Nire aburuz zentzuzko asko esaten dituzu, kazetari batek dakien goxotasunarekin gainera. Irakurritakoan arrapaladan sortu zaizkidan burutazio nagusiak honako hauek dira: Elefantea ala elefantearen hanketariko bat? Errazago esango nuke honela: elefantea familia barneko hizkuntza-transmisioa dela. Elefante hori ongi ibil dadin, hanketariko bat, zuk ongi azpimarratutakoa, lan-mundua (edo behintzat horren zati bat) da. Familia barneko hizkuntza-transmisioa justifikatzen duen giroa, partez behintzat (baina ez kasu guzti-guztietan), lan-munduak sortzen duena da. Elefantea, bere osotasunean, niretzat bestea da, beraz: belaunez belauneko geroratzea. Transmisio-tasak altuak omen dira, baina zalantzak ditut transmisio horren kalitateaz, sarritan familia barnean gaztelania (edo frantsesa) ere aldi berean eta, akaso, are indartsuago transmititzen delako, zenbaitetan albo-hizkuntza nagusi horiek familian ere nagusitzen direlako eta, itxuraz, euskarari lehen urteetan sarritan ematen zaion lehentasunari ez zaiolako gero familia guztietan eusten. Askok itxuraz uste duten baino ahulxeago da belaunez belauneko transmisio hori, nire ustez. Euskaldunberriak eta euskaldun zaharrak? "Erabaki egin behar dugu euskara ama-hizkuntza bezala iraun dezala nahi dugun ala ez." Ados. Baina berehala egiten dut (Fishmani, nire ustez, jarraiki) euskaldun zaharren alde. Euskararen bizi-iraupenari dagokionez kasu kontatuetan irits daiteke euskaldunberria euskaldun zaharra bezain garrantzitsua izatera (Txillardegi bat, adibide? ): batez ere, bere seme-alabak, baldin baditu, etxetik euskaldun heztera iritsiz. Hizkuntzak bizirik jarraituko badu, euskaldun zaharrak mimatu behar dira, batez ere. Haiek baitira hizkuntzaren iraupenaren muina. Bestetik, aurrerapen handi bat azpimarratzen duzu, niretzako arrazoi osoz: euskaldun zahar belaunaldi berriek, oro har, euskaraz ere dakite irakurtzen eta idazten. Horietako batzuek, gainera, neurri xume edo handiagoan, irakurri eta idatzi ere egiten dute! Enpresa guztiak? Asko eztabaidatzen ez duzun puntu bat enpresen artean ezarri beharreko lehentasuna da. Pizgarriak, praktikan, nekez iritsiko zaizkie denei eta are gutxiago enpresok nahi luketen neurrian. Lehentasun-sistema bat beharko da, beraz. Nire lehen puntuaren arabera zera esango nuke: bertako hizkuntza-transmisioan gehien eragin dezaketen horiei eman behar zaiela lehentasuna: agian, berriro Fishman-i jarraiki, herri edo auzo bakoitzeko hurbileko zerbitzuetan (demagun eguneko erosketak egiteko dendak, etxean konponketak egiten dituzten enpresek/banakoek (igeltserua, linterneroa, arotza, argiketaria..., zerbitzu pertsonalak (masaia, ile-apaindegia, eguzki-kabinak...). Sarritan, beraz, Lanbide Heziketan prestatu diren eta txikitako ingurunean geratzen diren pertsonak inplikatzen dituena. Ez hainbat, atzerrian bere salmenta nagusia egiten duten nazioarteko koperatiba horietako goi-mailako teknikariak, sarritan kanpotarrekin atzerri-hizkuntzetan aritu behar dutenak, lanean bertan behintzat ia euskara hutsez aritzeko aukerarik ez bada. Ez dut esan nahi beste arloetan ezer egin ezin daiteekeenik, bakar-bakarrik belaunez belauneko transmisio horretatik hurbilen diren enpresei lehentasuna eman behar zaiela. Edozein modutan ere, enpresa gehien-gehienetan, euskal arnasgune bakanetatik kanpora, langileek, euskara bertan erabiltzerik baldin badago ere, gutxienez bi hizkuntzarekin jokatu behar dute, nazioartean salmentarik ez badute egiten behintzat. Enpresa baten hizkuntza-trataera finkatzean bertako hizkuntza guztiak kontuan hartu behar dira, beraz: enpresa batek jatorrizko fabrika Euskal Herrian badu, baina geroztik Errepublika txekiarrean eta Mexikon eraiki baditu hurrengoak, fabriken arteko hizkuntza-beharrak ere kontuan hartu beharko dira, adibidez. Hitz batean, euskara hutsezko planteamendua kasu jakinetatik kanpora arras zaila gerta daiteke. Dirua irabaztea helburu, huts-hutsean? Egia da enpresa-mundutik kanpora gabiltzanon artean zabalduta dagoela uste hori, hots, soilik dirua irabaztea baloratzen dela. Eta ez dut zalantzarik arlo horretako (eta, seguru asko, arlo horretaz kanpoko) batzuek termino horietan funtzionatzen dutela. Dena den, enpresa-munduan badaude bestelako iritziak: horren isla dira gizarte-erantzukizun korporatiboa bezalako kontzeptuak edo EFQM bezalako proposamenak, non emaitzak neurtzean ez dira diruz bakarrik ari, dirua irabazteak leku handia hartzen badu ere. Euskarari begirako adibide konkretua Enpresa Kudeaketarako Ezagutzaren Cluster Elkarteak ?2005ean argitara emandako Euskara enpresaren kudeaketan izeneko txostena izan daiteke. Ikuspegi horretatik badago gaiari heltzeko bestelako abiapunturik. Perspektiba horretatik lortu nahi den aurrerapena ez nuke diruzko pizgarrien esku soilik utziko, beraz. Enpresaren ikuspegi- eta misio-dokumentuetan, adibidez, baloreen artean euskaraz (partez behintzat) funtzionatzeko irizpidea txertatzea guztiz desiragarria izan daiteke, jarraian oinarri sendoz hizkuntza-praktika eta hizkuntza-kudeaketa aldarazteko. Urrats hori eta beste asko eman behar baitira. Hori guztia, dena den, ez da pizgarri hutsez lortuko. Aldaketa hori lortzeko, inposaketa hutsez funtzionatzen duten enpresak alde batera utzita, enpresa barnean askok (eta, bereziki, lidergoak) egon behar du alde eta bertako kudeaketa-prozesu (motel)en bidez oinarrizko adostasuna lortu (1). Ez nago pizgarri horien kontra, inola ere. Baina ez dira nahikoa. Horiek indartzea edota euskara lanpostuetan derrigortzea enpresak hizkuntza-kontua duen borondatea argitu eta finkatu ondoko urratsak dira: lehen urratsek bestelakoak behar dute izan, beraz. Enpresa oso baten hizkuntza-jokaera iraultzeko (bere baitan horretarako gogorik badago eta, hainbat kasutan, gaur gaurkoz ez dago) normalean kudeaketa-jokabide aski sofistikatuak beharko dira (enpresa barneko erabaki "politikoak", egoeraren diagnostikoa, helburuak finkatzea, plangintza xehea egitea, emaitzak neurtzea, enpresa-arduradunen edo -liderren goi-jarraipena...), enpresaren kulturan beste edozein aldaketa txertatzeko egin behar den bezala. Hoberenean, aldaketa pixkanakakoa izango da eta erritmo desberdinen araberakoa. Horretan hezkuntza-mundua eredutzat har genezake – hasierako urteetan sakabanatutako ikastolen esku joan zen nagusiki mundu horren birmoldaketa. Gero bakarrik hasi zen bihurtzen eginkizun zabal eta masiboa eta, aldaketa horretan ere, urte luzeak joan zitzaizkigun. Enpresa-mundua, niretzat, oraindik lehenaldi apal horretan dago. (NICK GARDNER BRIDGER soziolinguista da) Oin-oharrak: (1) Eusko Jaurlaritzaren deialdiak, hain zuzen, enpresei halako zerbait eskatzen die (zien, behintzat, azkenekoz begiratu nuenean), diru-laguntzak eskaini aurretik: eskaeraz gain konpromisoak ere argitzea eskatuz. Elefantea ikusi barik, "elefantea entzun" egin behar da Ana Urkiza Patxi estimatua, Tentuz irakurri dut zure artikulua. Gustura irakurri ere, ausardia handiz eta bihotzak agindu bezala proposatzen baituzu euskararen erabilera sustatzeko ideia. Azken 40 urteotako euskararen bilakaera aztertu ondoren, erabileran egiten dugula herren diozu. Eta euskaraz bizi ahal izateko, lan mundua irabazi behar dugula. Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten dituela diozu lan munduak. Horixe dela, gaur gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe dela gaur egun euskarak duen arazo nagusia. Ni ez nintzateke halako baieztapen biribila jaurtitzera ausartuko. Euskaldun berri asko baitago lanean aurkitzen dutenak euskaraz egiteko gune bakarra, eta gazte asko sartzen baitira lanera B1 edo B2 titulua besapean dutelarik baina lana euskaraz egiteko gai ez direnak. Hau da, denetik dago. Egia da euskarak ez duela lanerako hizkuntza gisa prestigiorik. “Txostenak eta eskuliburuak gaztelaniaz badaude eta denok ulertzen baditugu, zertarako euskaraz jarri? Zeinek hartuko du lan hori? Aurrez aurre euskaraz hitz egitea kontu bat da baina zenbakietara jotzen dugunean, nork daki hainbeste? Txosten luzeak euskaraz norentzat?”. Hauek eta beste galdera asko dira lanean euskarak aurre egin behar dien errealitateak. Lan munduaren errealitatea oso bestelakoa da ingurunearen eta langileen profilaren arabera. Ez da gauza bera Azpeitiko enpresa baten errealitatea, zeinetan langileen gehiengoa euskaraduna izango den, edota Gasteizko beste lantegi batekoa, zeinetan, segur aski, euskaldungoaren portzentajea % 10era ez den iritsiko. Euskaldunon ikuspegitik, “Elefantea ikusi” artikuluan proposatzen den antzeko erabakiak hartzeko premia ikusten dugu. Legez arautu eta kitto. Gure eskubideak urratuta ikusten ditugunean, legea erabiltzeko gogoa eta beharra sumatzen dugu. Baina, nago, hizkuntzak ez direla legez irabazten. Bai, zalantza gabe, zaintzen eta babesten. Baina ez, irabazten. Hau da, euskarari ez dut uste prestigioa emango dionik, ez eta erabilera sustatuko duenik, legez araututako erabaki batek. Bestalde, artikuluan bertan aipatzen da ikastolen ibilbide arrakastatsua. 40 urteren buruan, duela 40 urte hasitako lanaren emaitza positiboak gaude orain jasotzen. Bada, lan munduari dagokionean ere, antzeko helburu bat jar genezakeela uste dut: 40 urtean euskalduntzekoa, adibidez. Lan mundua euskalduntzeko bi bide ikusten ditut: * Batetik, kontsumitzaileen dekretua: laneko hizkuntza beharbada ezin da dekretu bidez arautu (batez ere, enpresa pribatuetan) baina bai enpresek eskaintzen duten zerbitzua bi eletan izan dadin. Kontsumitzailearen eskubideetan oinarrituta. * Bestetik, instituzio publikoak, komunikabideak, politikariak, kirola… beste hainbat eta hainbat esparru daude, egunero hiritarrarekin harremanetan dagoena, eta lan esparruak besteko eragina izan dezakeena euskararen prestigioa irabazten. Beraz, lan munduan halako eraldaketak egiten hasi aurretik, uste dut badirela beste hainbat eta hainbat esparru, zeinetan euskararen prestigioa irabazteko ahalegina (eta lehenetsi) egin behar den. Adibidez, politikarien komunikazioak bi eletan egitea lortuko bagenu, bozkatu behar duen jende orok ez al luke pentsatuko euskaraz aritzea beharrezkoa dela? Garrantzitsua dela? Herri honetako politikagintzarentzako benetan esanguratsua dela? Politika egiteko balio duela? Enpresei lan kontratu elebidunak egiteagatik pizgarriak ematearen ideia ona da eta egin beharrekoa (aztertu egin behar zer eta nola) baina elebitasunaren aldeko sustapen gisa ulertzen dut. Ez, horrela, botere-gunearen aldaketa ekarriko lukeen erabaki edo tresna gisa. Ez baitago ekonomiarik, hizkuntza politika bat abian jartzeko ekonomiaren sostengu nagusi diren enpresen egiturak gauetik goizera kolokan jarriko dituenik. Uste dut argi daukagula ez ditugula mediku onak aldarrikatu nahi, baizik eta euskaraz dakiten mediku onak. Bada, lan munduan ere, berdin. Elefantea ikusi barik, uste dut "elefantea entzun" egin behar dela. Elefantea entzuteko estrategiak jarri behar direla abian. Besarkada handi bat, (ANA URKIZA IBAIBARRIAGA Deustuko Unibertsitateko irakaslea da eta enpresa komunikazioan aditua) Iraultzailea da enpresei pizgarriak eta hobariak ematea Miren Azkarate Egun on, Patxi: Azkenean hartu dut patxadazko tartea zuk idatzitakoa irakurtzeko. Oso gogoeta interesgarria da eta oso ona, nire iritziz, lehen parteko labur bilduma, euskararen lorpenak eta ajeak kontatzen dituzun partea; baita euskarak enpresa-munduan nolako egoera duen azaltzen duena ere. Baina ez nago erabat ados lan-munduaz diozunarekin: "Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak. Horixe dugu, gaur-gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia." Ez dut ukatuko lan-munduarena badela problema, eta ez txikia. Baina gehiegizkoa iruditzen zait esatea eskolak egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten dituela lan munduak. Hara iritsi aurretik ere, nahiko atzendua izaten dute gazte askok eta askok euskara, batez ere gune soziolinguistiko erdaldunenetan bizi direnek. Urtero izaten dut Bilbo inguruko ikasleren bat (edo gehiago) euskaraz oso halamoduz moldatzen direnak. Besterik da esatea -eta horretan bat nentorke- ikasketa guztiak euskaraz egiten dituzten gazteen euskara-maila zapuzten duela lan munduak. Egia biribila da hori, nire ustez. Baina horiek gazte guztien zati bat baino ez dira. Nolanahi ere, dudarik gabe, iraultzailea da enpresei pizgarriak eta hobariak ematearen kontu hori. Foru Diputazioen esku dago horrelako erabakiak hartzea eta ez dakit erraza izango litzatekeen horren gaineko akordioetara iristea. Ziurrenik ez. Baina, kulturan eta beste arlo batzuetan ere fiskalizazio-neurriak aipatu eta landu nahi diren garaiotan, agian merezi luke horrelako proposamen bat egiteak. Eskerrik asko artikulua irakurtzeko aukera emateagatik eta zaindu! Agur bero bat (MIREN AZKARATE VILLAR hizkuntzalaria eta euskaltzaina da) Norbanakoen motibazioan eragiten asmatzea Aitor Esteban Etxebarria Eguerdi on, Patxi! Elefanteari ekin baino lehen, utzidazu arren neure burua aurkezten: Aitor Esteban Etxebarria nauzu, hamar urte pasatxo euskalgintzan langile, eta horietariko akabuko seiak Herri Administrazioetan Normalizazioko teknikari. Zelaik aurreratu lez, hiru urte beteko ditut laster HPSn eta HHAAetan ibili naizen sei urteko tartean beti izan dut lan-eremu bera: Jaurlaritzaren sailak euskalduntzea Erabilera Planen bidez, alegia, euskara zerbitzu-hizkuntza ez ezik, ohiko lan-hizkuntza ere izan dadin eraldaketa sustatzea Jaurlaritzaren erakundeetan. Zure jatorriaz eta ibilbide pertsonalaz ere jaso ditut zertzelada batzuk helarazi didaten artikulu bikainean, eta zeure moduan, neuk ere uste dut norberaren jatorriaz eta euskalgintzara ailegatzeko eraz zantzu batzuk ematea oso argigarria dela curriculumean kabitu ez, baina oso esanguratsuak diren bestearen euskaltasunaren ezaugarriez ohartzeko. Labur-labur: 36 urteko gizona, famili erdaldundu baten baitan jaioa eta A ereduko ikasle ohia. Barre gehiago egin nahi baduzu, aitortuko dizut umetan ikasle arrunta izan banintzen ere, sistematikoki beti suspenditzen nituela irakasgai berberak: erlijioa eta euskara. Egun, ama dut gaztelaniazko solaskide bakarra nire harremanen unibertsoan, non gehien bat tokiko bizkaieraz funtzionatzen dudan eta sarri, lagun artean bada ere, bertsotan ere banabilen. Asko gustatu zait zure artikulua, eta bistan da, ofizioz eta afizioz gertu zaitudala. Nik baino urte gehiago badituzu ere, euskalgintzako beste “iturgin” bat zarela irakurri dizut zeharka, eta zelanbait esatearren, zerbait mugitu duzu nigan: zu izan nintekeen sentipena, eta horrelako osasun-atakan izanik, nik ere agertuko nukeela bulegoko kristal lohitik dakusadana. Bi mailatako ekarpenak egin gura nizkizuke, apal oso, intuizioz ikasi baitut ikasitako apurra eta oraindik ere, senez eta bihotzez funtzionatzen baitut normalkuntzaren abangoardia izan beharko lukeen honetan. Alde batetik, zure baimenez, osatu nahiko nuke zeure lehenengo paragrafo bietan egiten duzun diagnosia, hirugarrenaren muinera, “euskaraz bizi”, ailegatzeko. Kasu honetan, milaka norbanakok osatutako gizataldeaz jarduten ahaleginduko naiz. Beste alde batetik, elefanteari tronpatik oratzen ahaleginduko naiz, erakundeen hizkuntza-eraldaketaz jarduten saiatzeko; horixe baita apuntatzen duzun norabidea. Azkeneko 50 urtean euskararen alde asko egin dela askori entzun izan diot beti. Batez ere, edade batetik gorakoei. Ez naiz ni nor hori ukatzeko, baina behintzat, ohartu beharko gara “asko” eta “gutxi” termino subjektiboak direla, eta hortaz, zerekin alderatzen dugun neurtu nahi dugunaren dimentsionamendua aldatuko da. Ipar Euskal Herrian egin denaren aldean, lan handia egin da EAEn euskararen alde, askoz gutxiago Nafarroan. Baina estatu bako beste hizkuntza gutxituekin aldean, zenbat egin da? Ba al dago alderatzerik hemengo Hizkuntza Politika Katalunyakoarekin? Flandriakoarekin? Laponiakoarekin? Ba al dago hemengo eta hango aurrekontu partidak alderatzea? Ba al dago neurtzerik benetako borondate politikoak? Horien benetakotasuna? Eta estatu burujabea izan dutenek nola jokatu dute? Finlandiak? Israelek? Holandak? Ia noiz edo noiz norbait animatzen den doktore tesi bat egiten horren gainean. Uste dut, egun 60 urteren bueltan dabiltzan euskaltzale aritu askok zapore gazi-gozoa dutela errealitatea behatzean. Sarasua hasi da aipatzen ametsak doitzeko sasoia dela, nonbait, aitortuaz, 60ko hamarkadan amesten zen euskarazko gizartea ez dela sekula lortuko, eta horrek ez du esan nahi gutxi egin denik, baina asko egin dela esatean gure txikertasunaz baino ez gara ohartzen. Izan ere, egiteke dagoenaz jabetzen gara eta azkeneko 50 urteko ibilbidea bidearen herena baino gutxiago den susmoak akitu egiten gaitu. Hezkuntza sisteman egin dira, zalantza barik, aurrerapen handienak, eta horretan arrazoia duzu. Baina ni behintzat, ezin naiteke bat etorri esaten duzunean akabuko 50 urtean ikastolek eta D ereduko hezkuntza sistemak euskaldun osoen lehenengo belaunaldiak ekarri dituztela. Nire begi eta belarriek behintzat ez dute hori aditzen. Gaztelania ama hizkuntza dutenen kasuan, gehiengoa azkeneko 50 urtean, euskara gaitasunak ez du gainditzen erdara gaitasuna hezkuntza ibilbidearen momentu batean ere, nire ustez. Eta euskara ama hizkuntza daramatenen kasuan, ordezkapena 14 urte bete baino lehen suertatzen da kasu gehienetan. Bi zertzelada baino ez dira, nahiz luza gintezkeen honetan gura beste. Badira zorionez, elebitasun orekatua garatu dutenak, gaitasunez eta erabileraz, baita euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak; baina ez dira hezkuntza sistema euskaldunetik ondorioztatutako gehienak, ezta askoz gutxiago ere, baizik eta aurreko horien artean berezko motibazioa izan dutenak horretarako. Edozelan ere, ikastola eta D ereduko ikastetxeri ezin dakieke askoz gehiago eskatu, ez bada, irakaslegoaren hizkuntza gaitasuna eten barik zorrozten segitzea, eta ikasleen euskara gaitasuna garatuko duten metodologiak erabiltzea. Izan ere, ikas-geletan irakasleek egiten dute berba eta ikasleek ez dute izaten mintzamena non landu. Kontua zein da, ba? Zergatik dira erdarak nagusi Euskal Herriko ikastoletako jolastoki gehien-gehienetan? Zergatik guraso berriek, D ereduko ikasle ohiak kasu, agintzen diete umeei euskaraz egiteko eurek erdaraz diharduten bitartean? Bada, halako galderak egitean beti egiten dut topo Txepetxen eskema klasikoarekin: MOTIBAZIOA-GAITASUNA-ERABILERA. Euskara gaitasuna garatu dutenek berezko motibazioa izan dute horretarako, horrek bultzatu ditu euskarazko espazioak bilatzera eta jakina, gaitasuna eta erabilera elkar elikatuz joan direnez, egun, euskaldun osoak dira. Baina euskarazko hezkuntza sistemaren gehiengoa ez da kokatzen multzo horretan. Hori horrela, benetako motorra motibazioa dela ondoriozta dezakegu, eta euskara kontuetan gabiltzala, motibazioari euskaltzaletasuna deritzogu. Sarasuak horri, sua, etxeko beheko sua deritzo, eta funtsean, hor kokatzen du hiztunaren hezur-mamia. Nik are gehiago esango nuke, hizkuntza gutxituen kasuan, non sarri, motibazio praktikoa hutsaren hurrengoa den, bestelako motibazioek hartzen dute pisu gehien, identitarioek kasu. Edozelan ere, azter genezake zer euskal-hiztun mota sortzen den hezkuntza sisteman. Ondo diozun bezala, euskarazko hezkuntzatik irtendako gehienek euskara bigarren hizkuntza dute, gaitasunez eta erabileraz; eta hortaz, esan genezake motibazioz ere, euskara bigarren dutela. Horrek ez du esan nahi, hainbat ekimen euskaltzaleren ondorioz, egun, gizartearen gehiengoak lotura afektibo handia ez duenik euskararekiko. Horra hor IBILALDIA, KILOMETROAK, KORRIKA eta horrelakoak, urterik urte geroz eta jendetsuagoak direnak. Azken finean, sustatu dugun euskaltasuna horixe baita: egun bateko jaia urtean behin eta listo! Halakoetan ere, erdara nagusi noski, nahiz honetaz gutxik egiten duten berba. Irudi lezake, hizkuntzaren transmisiorako tresna egokiak ditugula ikastolak eta euskaltegiak, betiere hizkuntzaren kontzeptua gramatika arau-multzo, lexiko, esapide jator eta aditz-sistemetara mugatzen badugu. Zer hobetua badugun ere, arestikoa belaunaldiz-belaunaldi transmititzeko metodologia, ikasgu, epe eta plangintza garatuak baditugu. Edozelan ere, argi dugu hizkuntza hori baino askoz gehiago dela; are gehiago, hizkuntza gutxitu eta biziberritze prozesuan dagoen euskararen kasuan. Beraz, ondoriozta genezake, euskara gaitasuna garatzeko baliabideak baditugula, baina motibazioan kale egiten dugula sistematikoki, eta geroz eta gehiago esango nuke nik: zergatik ez dugu asmatzen euskararekiko ardura transmititzen? Euskararekiko fideltasuna eta militantzia hedatzen? Hizkuntz jarrera eta portaera aktiboak sustatzen? Bada, horiek dute berebiziko garrantzia, baita Azpeitian ere. Izan ere, Euskal Herri osoa euskalduna eta burujabea balitz ere, euskaren aldeko hautua beti izango litzateke militante, eta hautazkoa noski. Munduak ele aniztunak izaten behartzen gaitu eta kasurik onenean 3 milioi euskal hiztun baino ez gara izango 5000 milioiren artean. Argi dago giroak eta inguru soziolinguistikoak itzelezko garrantzia dutela, eta errazagoa dela euskaraz bizitzea Azpeitian Tuteran baino, baina testuinguru ele aniztun batean hizkuntza hautu bat da, eta hautatzeko zelai jokoa da eta izango da epe ertainean behintzat erderen aldekoa bi arrazoi nagusiengatik: juridikoki euskara ahulagoa delako, eta erdaren ezagutza unibertsala den bitartean euskararena oraindik ere hautazkoa delako. Hortaz, lotzen zaigun aurrerabide bakarra da irabazten ditugun hiztunek aktibo jokatzea, euskaltzale jokatzea alegia, euskaraz bizitzeko hautua egitea. Hor ikusten dut behintzat elefante handi bat, baita isiltasun deseroso ugari ere. Lortuko bagenu euskaraz dakiten guztiek euskaraz bizitzeko hautua egitea irauliko genituzke euskal soziolinguistikaren datu guztiak, eta erdaldun asko euskarara erakarriko genituzke presio-soziolinguistikoaz bada ere. Argi dago, belaunaldi euskaldundu berriak lan-merkatura txertatu ahala oso erakunde erdaldunak topatzen dituztela, non euskara hutsaren hurrengoa den. Baina sektore publikoan, informalki bada ere, euskaraz lan egiteko baldintza guztiak bermatuta daude, eta sarri, 30 urteren bueltakoak, euskaldun, ikasketa ibilbide osoa euskaraz eginda eta hizkuntza eskakizuna egiaztatu behar izan dutelarik lanean hasteko, erdaraz dabiltza euren artean lasai asko. Euskaraz funtzionatzeko baldintza guztiak dituzte EAEko HHAA askotan: udalak, aldundiak, Jaurlaritza; baina, ez dute horren aldeko hautua egiten. D ereduko eta ikastoletako irakasle guztiek egin al dute euskaraz bizitzeko hautua? Hau da, gelaz haratago ba al daramate euskaltzaletasuna euren bizitzaren esparru guztietara? Biok dakigu ezetz. Eta horrek sinesgarritasuna kentzen dio euren jardunari ikasleen aurrean, edo behintzat euskararen balio-sistemari; eta kasu askotan gainera, kamustuko die hizkuntza gaitasuna. Hots: gaitasuna badute (neurrikoa), motibaziorik ez, edo neurrikoa; eta hortaz, erabilera ere horren arabarekoa. Motibazioa da beste biak aktibatu ditzakeena eta era berean beste biak kamustu ditzakeena. Zer egin behar dugu? Lan-merkatua esku-hartzeko esaten duzunean, ni ados egoteaz gain, uste dut badela hortaz non hausnartu, egun badagoelako horren abangoardia txiki bat, eta ez soilik HHAAen eremuan, baizik eta kooperatiba eta zenbait enpresen Erabilera Planetan. Edonola ere, gune horien errealitatea izaten da arestian deskribatu dizudana; zuk ondo jakingo duzun moduan, non tokiko euskara teknikaria ibili behar izaten den jendea euskaraz egin dezan eskatzen, tamalez, erregutu egiten ere bagabiltza tarteka, eta horixe izaten da gure lanaren alderdirik esker txarrekoena. Halere, badira erakunde gutxi batzuen esperientziak hor, zeintzuetan kostata bada ere, lortu duten euskara zerbitzu hizkuntza izateaz gain ohiko lan-hizkuntza ere izatea; baina honetara heltzeko borondate handia behar da: lehenengoz bermatu behar da erakundearen hizkuntza gaitasuna (Hizkuntza Eskakizunen sistemak, bere akats eta guzti, bete lezake funtzio hau); gero erakundearen eginkizunen mapa eta solaskideen mapa egin behar da, zehaztu ahal izateko nork egiten duen zer eta norekiko; azkenik, behin lan zirkuituak aztertu direla, Hizkuntza Irizpideak diseinatu eta betearazi behar dira. Noski, gure kasuan, irizpideok lehentasuna eman beharko liokete euskararen erabilerari helburua baita erakundearen jarduna euskaratzea. Hala ere, erdaratik euskara pasatzean, hau da, lehen erdaraz egiten zen hori euskaraz egiten hasteko, beti ez da nahiko goitik beherako agindua; jendea trebatu behar izaten da konplexutasun batetik gorako testuak eta jardunak modu autonomoan egiteko kapaza izan arte. Horrezaz gainera, itzulpengintzaren bidea ere da askok jorratzen dutena, nire ustez normalizazioaren antipodetan dagoena ez baitu erakundea euskalduntzerik eskatzen… eta hortik hasita, hamaika alderdi eta kontu azter genitzake, oztopoz beteriko bidea izaten baita erakunde bat linguistikoki eraldatzearena. Baina zelan erakarriko ditugu Euskal Herriko enpresak honetara? Ez dut uste plangintzak, epeak, metodologiak, diagnosiak, tresnak eta abarrekoak arazoa direnik; lehen esan lez, hainbat jende baitabil horretan daborduko. Baina, zer motibazio izan lezakete euskara lan-gaia eta lan-tresna ez duten enpresek halako eraldatze prozesu batean enbarkatzeko? Hor dugu, lagun, elefante handi bat; orain arteko idatzitakoan behin eta berriro lotzen baita agerian motibazioaren garrantzia. Bada, seguru asko, unibertso handi hori erakarri gura badugu gurera ertz askotako legediak, argudioak, politikak eta baliabideak erabili beharko dira; azken finean, eskatzen ari gatzaizkielako euskalgintza, hezkuntza sistema eta HHAAekin batera eragile aktiboak izateko euskararen normalizazioan. Euskara koofiziala den lur zatian akaso, beste hizkuntza batzuen (estatudun zein estatubakoak) marko juridikoak erabil genitzake inspirazio bila; baina gure egoera gatazkatsuak atzera egiten die hizkuntza politikaren hainbat karguri. Bestalde, aspalditxoan eta hizkuntza-eskubideak oinarri, asko hasita dira zerbitzu-hizkuntza eta kalitatearen kontzeptuak lotzen, horixe baita erakundeei ardura dien elementu garrantzitsu bat. Noski, zertifikazio sistemak ere hor daude eta egun nahiko aurreratuta daude, kalitatearekin egin bezala, zerbiztu-hizkuntzaren betetze maila neurtzeko erakundez erakunde. Hori horrela, gure argumentarioan geroz eta lotuago eroan beharko ditugu kalitatea eta hizkuntza kudeaketaren binomioa, betiere hornitzaile-enpresa-bezero ekuazioan eragin ahal izateko. Aurrekoaz gainera, euskararen lurraldean kokatzen diren enpresei zelanbaiteko ardura soziokulturala exijitu beharko zaie, nonbait, aktiboki har dezaten parte gutxitua izan den euskara bere onera ekartzeko ahaleginean; baina hemen ere, gure herriaren hizkuntza-politikaren gorabeherak ikusita, erabat irauli beharko genituzke gure argudioak euskararen biziberritzea gizabidezko hautua dela uler dezaten orain arte kexu izan direnek. Ni neu oso eszeptikoa naiz honetan, gehien bat ikusten dudalako hizkuntza-politikaren lan-ildoak ezartzerakoan euskaratik larregizko errespetu, beldurra ia; eta gutxiagotasun-konplexuz beterik dihardugula. Txarrena da, gutxiagotasun-konplexu hori erabat barneratuta dugula hiztun gehienok eta ez dakit ze edukazio klaseren izenean, euskarari eustea erdaldunen aurrean erradikalismotzat jotzen da. Katalunyan adibidez, hau guztiz normalizatuta dago; baina gurean erraz lerratzen gara erdarara euskal hiztun guztiok eta hori konplexu horren seinalea da, noski, gerora euskararen inguruko politiketan isla duena. Bestalde, hemengo enpresek euskaraz funtzionatzeak, eta gure lan-merkatua euskarazkoa izateak zer abantaila eta zer eragin ekar liezaieketen hartu-eman komertzialei eta ekonomiaren bilakaerari aztertu beharko litzateke. Sasoi batean euskaraz sortutako produktuen balio erantsia aipatzen zen horrelako esku-hartzeak “saltzen” zirenean, eta argi dago, horrelako argudioak beharko ditugula enpresaburuak gureganatu gura baditugu. Azkenik, diruz laguntzea halako prozesuak ezinbestekoa izango da eta horrek ekarri beharko du zalantza barik, euskararen aurrekontu partidak handitzea: prefosta! Baina hemen ere, ez zaigu saltsarik faltako eta egoera ekonomiko latza aipatuko digute behin eta berriro. Seguru asko, diru-laguntzen sistema zertifikazio-sistema garatu eta bateratu batekin inplementatu beharko da, eta horrelako proiektuak biderkatu ahala euskalgintzak, sektore publikokoak zein pribatukoak, giza-baliabide gehiago, prestakuntza eta metodologiak garatu beharko dituzte. Hainbat hobeto modu koordinatuan bada! Egia esan Patxi, ez dakit merezi duen ekarpenik egin dizudan; baina saiatu natzaizuna adierazten zera da: goitik-beherako esku-hartzeak bezain beharrezkoa dela norbanakoen motibazioan eragiten asmatzea. Ni neu ez nau ikaratzen plangintzak, metodologiak, tresnak eta horrelakoak sortu beharrak, lan nekeza bada ere; ostera, kezkatzen nau izugarri euskaraz funtzionatzeko baldintzak daudenean euskaldun askok erdara hautatzen dutela ikusteak; kezkatzen nau euskararen aldeko lana defendatzeko argudio-multzoa herren ikusteak, eta kezkatzen nau euskararen aldeko hizkuntza-jarrera aktiboak sustatzeko metodologiak eta dinamikak zokoratuta ikusteak. Beste barik, zeure osasun afera ahalik eta ondoen konpondu dadin opa dizut; eta eskerrak eman gura dizkizut eztabaida hau plazaratu eta aukera ematearren bertan parte-hartzeko. Jaso aupada bero bat! (AITOR ESTEBAN ETXEBARRIA hizkuntza normalizatzeko teknikaria da Eusko Jaurlaritzan) Euskara eta lan mundua. Bost ondorio eta ohar bat. Karmelo Ayesta Gazteleraz esan ohi da zuhaitzek ez dutela basoa ikusten uzten, hau da, ñabarduretan eta xehetasunetan galtzen garela batzuetan, eta horrexegatik ezin dugula gaia edo egoera bere osotasunean ulertu. Basoa ikusteko, urrundu eta altxatu egin behar da ikuspegia. Horregatik erabaki nuen hausnarketa hau etxetik urrun egitea, Alemanian, hain zuzen ere. Austrian egun batzuk pasatu ondoren, Alemaniatik Bilborako hegaldian nago idazten. Goizean, hotelean, gosaltzeko eta kontua ordaintzeko, bertako langileekin izan ditut lehen hitzak; haiek lanean ari ziren. Gero, aireportuan, FC Bayern taldeko kamiseta erosi dut semearentzat; dendako saltzailea ere lanean aritu da. Abioira sartzean, Lufthansako azafatak agurtu nau; hari ere lan egitea tokatu zaio gaur. Lanean ari ziren pertsona horiek izugarrizko eragina izan dute nire hizkuntza-portaeran: ingelesa, gaztelera eta alemana erabili ditut, baina ez dut euskaraz berbarik egin. Aisialdian egon arren, lan-munduko hizkuntza-politikek erabaki dute nire aisialdiko hizkuntza. Lehen ondorioa: nik uste nuena baino eragin zabalagoa dauka lan-munduak hizkuntzen erabileran. Izan ere, batzuen lan-munduko hizkuntza-politikak eragin zuzena dauka beste batzuen aisialdiko hizkuntza-portaeran. Hau da, lan-mundua eta gainerako hizkuntza-eremuak banaezinak dira, gehienetan. Aisialdian edo etxean egon arren, inguruan beti aurkituko dugu lanean ari den norbait; baita logelako intimitatean ere, telebista iziotuta badugu. Abioia aireratzeko itxaroten nago eta ezusteko handia hartu dut: norbait euskaraz ari da! Euskaraz entzun ditudan lehen hitzak ahots grabatu batek oparitu dizkit. Hegaldirako argibideak izan dira. Antza, informazioa euskaraz (ere) emateko erabakia hartu du Lufthansa enpresa alemanak. Apaingarri ñimiñoa da, egia esan; baina Euskal Herriko enpresa askok ez dute horrelakorik ere egiten. Zergatik grabatu du, bada, euskaraz mezua Lufthansak? -pentsatu dut. Ziur aski, Bilbora goazen bezero batzuk euskaldunak garelako eta Lufthansak badakielako euskaldunok eskertu egiten dugula euskaraz egitea: “customer satisfaction” esaten zaio horri. Pentsa daiteke Lufthansaren arrazoitze hori ez dela sekretua eta Euskal Herrian dauden enpresa gehienek ezagutzen dutela; baina askok ez dute informazioa euskaraz eskaintzen. Bi arrazoi ikusten ditut horretarako: edo bezero euskaldunok bost axola gatzaizkie, hau da, ez gara haien lehentasuna, edo, bestela, “customer satisfaction” delakoa – bezeroa pozik uztea - ez da haien lehentasuna. Kasu bietan, erosle profesional batek honako aholku hau emango liguke bezero euskaldunoi: aldatu ezazue zerbitzu-hornitzailea. Bigarren ondorioa: enpresaren hizkuntza-politikak asko dio haren profesionaltasunaren gainean, eta guri -euskal bezeroei- dagokigu hizkuntza-eskakizunak azaltzea eta zerbitzu profesionala exijitzea. Burura etorri zait beste multinazional baten kasua. Jatorriz ingelesa da, eta hainbat herrialdetan ditu produkzio-fabrikak, besteak beste Euskal Herrian. Orain dela urte asko erabaki zuen informazioa euskaraz (ere) jartzea EHko enpresetan. Nire iritzian, bi arrazoi nagusi egon ziren horretarako: bertako langileen eskaria, eta enpresaren Corporate Social Responsibility (CSR) – erantzukizun sozial korporatiboa -delakoarekiko konpromisoa. Konpromiso honek eskatzen du, alde batetik, tokiko legearen espiritua (izpiritua) eta nazioarteko estandar etikoak eta arauak betetzea; eta, bestetik, komunitatearen eta ingurumenean onerako lan egitea. Euskara hizkuntza ofiziala da EAEn eta baita enpresa horretako langile batzuen ama-hizkuntza ere. Beraz, nire iritzian, multinazionalak ondorioztatu zuen CSR konpromisoak euskara zabaltzea eskatzen zuela Euskal Herriko enpresetan. Hirugarren konklusioa: enpresa-arrazoi asko daude euskara lan-munduan zabaltzeko. Bezeroen eskakizuna ez da zergatiko bakarra. Egungo kudeaketa-eredu aurreratuenek eskatzen dute tokiko komunitatearen garapenean laguntzea eta bertako ingurunea babestea, kultura barne. Multinazional horretan, langileek eskatu zuten euskara erabiltzea. Ez da hori beti kasua. Duela pare bat urte, Deustuko taberna batean kafea hartzen ari nintzela, negoziazio bat entzun nuen alboan, administrazioko ordezkari baten eta bi langile-ordezkariren artean (sindikatua %100 basque). Betetzeko postuak kontratatzeko orduan, euskararen ezagutza kontuan hartzea proposatu zuen Administrazioko ordezkariak. Erantzuna, berriz, xelebrea izan zen: ez zela bidezkoa langileei exijentzia gehiago jartzea. Oraindik xelebreagoa egin zitzaidan administrazio-ordezkariaren arrazoibidea: “A ver, que a mí lo del euskara ni me va ni me viene, pero los jefes quieren que se ponga algo, aunque sea simbólico”. Pentsatu nahi dut pasadizo hori ez zela benetan gertatu eta bizitza errealera ekarri nuela nik aurreko gauean izaniko amesgaiztoa. Edonola ere, interesgarria litzateke jakitea zenbat lan-hitzarmenetan proposatu eta negoziatu den euskararen erabilera zabaltzea. Laugarren ondorioa: ezinbestekoa da enpresako langileen, sindikatuen, eta arduradunen konpromisoa bene-benetakoa izatea euskara lan-mundura zabaldu nahi bada. Jakina, administrazioaren ardura da euskararen erabilera indartzea enpresa publikoetan, eta horretarako ezinbestekoa da langileen laguntza. Baina administrazioak badu beste erantzukizun bat euskararekiko: arauak eta legeak onartzea eta betearaztea. Joan den hilean, Kontsumitzaileen Hizkuntza Eskubideen Legearen gaineko berriak eta eztabaidak irakurri nituen Berria egunkarian. Harrituta geratu nintzen, enpresen %22k bakarrik betetzen baitute 2008an onartutako araudia. Zerbait oso gaizki egin da. Enpresak izugarri pragmatikoak dira. Automobilgintzan, esaterako, Europako legediak murriztu egin ditu etorkizuneko CO2 igorpenak, derrigorrez. Ondorioz, automobilak egiteko materialak aldatu egin dira, pisua kentzeko; motor txikiagoak eta eraginkorragoak diseinatu dira, gutxiago kontsumitzeko; eta motor elektrikoak eta hibridoak garatu dira, petrolio gutxiago erretzeko. Milaka milioi euro inbertitu dituzte automobilgintza-enpresek legedia betetzeko. Bestela, ezin izango lukete etorkizunean automobilik saldu Europan. Gurean, berriz, ez gara gauza izan hizkuntza-eskubideen dekretua betearazteko. Enpresek egin behar dituzten inbertsioak barregarriak dira, aurreko adibidearekin alderatuz gero, baina, hala ere, enpresek ez dute dekretua bete. Nire hipotesia botako dut: euskararen kasuan, legedia ez da derrigorrez bete behar ( ezin omen da inposatu ) eta enpresek, oso pragmatikoak direnez, ez dute betetzen. Hipotesi hau frogatzeko esperimentu bat proposatzen dut: administrazioak ez dezala araudi fiskala inposatu (bete ezean, ez dadila isunik egon), eta baietz araudi fiskalaren betetze-maila %22tik jaitsi. Bosgarren ondorioa: batzuen eskubideak bermatzeko, beste batzuek arauak eta legeak bete behar dituzte, derrigorrez; eta, legea betetzen ez dutenek ondorioak jasan behar dituzte. Hori da gizartearen funtzionatzeko modua: horregatik errespetatzen dira legeak. Ez da hautazkoa benetako legeak betetzea. Euskararekin loturiko legeak, ostera, benetako al dira edo lege itxurako iradokizunak? Azken ohar bat: nire iritzian, euskara hutsean aritzea ezinezkoa da enpresa gehienetan. Jeneralean, enpresek bezero ez-euskaldunak dituzte, edo langile ez-euskaldunak, edo kanpoko hornitzaileak. Egun, hainbat hizkuntza erabiltzen dira enpresa gehienetan. Hortaz, gure benetako erronka da euskarari bere lekua bermatzea, egungo lan-mundu eleaniztunean. (KARMELO AYESTA ingeniaria eta euskaltzalea da) Karmelo Ayesta «Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia» liburuaren egilea da. Ikus, HEMEN Lan mundua Txerra Rodriguez Lana euskalduntzeko beharrean urte batzuk daramatzagu aholkularitza enpresa batzuek. Inertziak hartaratuta, zatitxo batean ari gara, bezeroak lortzeko ahaleginak norabidetuta. Baina, nire ustez, hausnarketa estrategikoa falta da: nork izan behar du lan mundua euskalduntzearen gidaritza? Aholkularitza enpresek? Euskalgintza antolatuak? Gobernuak? Patronalak? Langileek? Zer enpresa edo erakundek du lehentasuna? Enpresa handiek ala txikiek? Industria enpresek ala zerbitzu enpresek? Herrietako denda txikiek ala azalera handiek? Zer lan ildo bultzatu beharko litzateke? Euskara lan hizkuntza izatea ala zerbitzu hizkuntza izatea? Izan ere, lan mundua baztertu samar dago ohiko diskurtsoetatik. Eta, nire ustez, egunerokotasunean duen pisua aintzat hartuta, garrantzi txikiegia ematen zaio. Eta hori diskurtsoetan agerikoa da. Diskurtso bateratu baten falta sumatzen da han eta hemen. Gainera, diskurtso horrek zenbait korapilo askatu beharko luke nire ustez: elebitasuna izan beharko luke helburu lan munduan ala euskarari funtzio propioak ematea? Lan munduan arnasguneak beharrezkoak al dira? Elebitasun orekatua egingarria al da enpresetan? Funtzio banaketa egin liteke lan munduan? (TXERRA RODRIGUEZ GOMEZ soziolinguista da) Lan mundua "elefantearen" ondorioa da Xamar Igorri didazun artikuluari buruz gogoeta ugari bururatzen zaizkit, egia esateko sobera email batean adierazteko. Nik uste gaiaren inguruan jadanik (eta aspaldidanik) sakon ikertu dela eta asko idatzi. Arazoetariko bat da ea gai garen irakurtzeko eta ulertzeko, beldur naiz ezetz. Artikuluan oso ongi garatu duzu egoeraren azalpena, azken urtetako garapena etab. baina ez nator bat egiten duzun diagnostikoarekin. Lan mundua ez da "elefantea", ene ustetan, "elefantearen" ondorioa baizik. Lan munduan enpresaburu handienetariko bat (hadiena ez bada) administrazioa da eta hor bederen, EAEn, ez zen printzipioz zaila izan behar lan eremu zabal horietan (ETBn, Osakidetzan, Ogasunean, administrazioetan, irakaskuntzan…) euskararen aldeko politika plangintza eraginkorra, erabilera bermatuko zukeena. Hasiera batean zaila zen baina, 35 urte ondorean, ez dago aitzakirik. Beraz, alde batetik politiko (omen) abertzaleen borondate (ala ez jakintasun) epelak eta, bestetik, espainol abertzaleen frogatutako borondate ezak ez dute orain arte subentzio banaketa politika bat baizik bideratu. Azken hauendako, gainera, hizkuntzaren aldeko zernahi neurri serio "inposaketa" onartezina da (eta errekurritu egiten da epaitegietan). Lan munduan lanpostu baterako ingelesa beharrezkoa bada, ikasi egiten da borondatez. Euskara eskatzen bada (hizkuntza bera lanaren "helburua" ez bada) inposaketa. Bilboko El Corte Inglesen saltzaile izateko ingelesa maila bat eskatzea ongi da, euskara inposaketa… esan gabe doa espainolaren ezagutza BETI dela beharrezko, hain da beharrezko ez dela inposaketa gisa ikusten, hala bada ere. Garbi dagoena da hizkuntza ofizial bakarra espainola dela hegoaldean eta euskara ez dela hura bezain ofiziala. Panorama hontaz bai eta haurrak ere ohartzen dira intuitiboki (“Eskolan ez bagaude zergatik hitz egiten diozu euskaraz?”). Euskara beti hautazkoa da, erdara ez; nik ezin dut espainola ez jakin, euskara bai. Hemen beharrezko, sustatuta, motibatuta, plangintza on batekin dagoen mintzaira bakarra erdara da. Ez, ez dago, ez ta izanen ere, Fishmanek eskatzen zuen akordio politikoa. Suntsitu nahi zaituenarekin nekez lortuko da. Baina hau guztia aspaldidanik dakigu, edo jakin behar bederen. Analisi zuzena egindakoan bakarrik ekin diezaiokegu gaiari behar den bezala, botere esparru txikietatik (Jaurlaritza) eta, ongi diozun bezala herrietatik: "Herri egiturak eta erakundeak dituelako eta, neurri txikiagoan edo handiagoan, herri egitura eta erakunde horien aginpidea ere hiztun komunitatearen kideengan dagoelako." Aipatu bezala luze joko luke dena azaltzea eta, gainera, azken honetan zioaren diagnosi interesgarria egin duena (barne begira gehiago, kanpora baino) Jon Sarasua izan da bere Hiztunpolisarekin. Liburu honek ez badu eztabaida pizten… Lehenbailehen senda zaitezen desiran (zu bezalako langileak behar baititu euskarak) har ezazu nere besarkada beroa. (JUAN CARLOS ETXEGOIEN JUANARENA "XAMAR" irakaslea eta euskararen historiari buruzko erreferentziazko hainbat libururen egilea da) Aro berri bat bere protagonisten bila Jone M. Hernández García Gogoan dut 80. hamarkadaren bukaeran, unibertsitatera iritsi nintzean, bertan ikasketa guztiak euskaraz egiteko aukera ez egoteak sortu zidan harridura. Orduan, euskalduntzen ari nintzen eta ametsa nuen unibertsitatean noizbait euskaraz egiteko aukera izatea. Ametsa erdizka bete nuen, izan ere, burutu nuen bigarren lizentziaturaren kurtso pare bat euskaraz egitea lortu nuen. Nire ikaskide batzuk ez zuten aukera hori izan eta protesta eta aldarrikapenak egin bazituzten ere, ez ziren iritsi unibertsitatea euskaraz ezagutzera. Eskolan euskaldundutako lehenego gazteak ziren eta ordurako zentzugabekeria zirudien ikasketa guztiak euskaraz eginda azken urratsak gazteleraz eman behar izatea. Egoera azaltzeko erabiltzen ziren argudioak zentzua zuten, agian, testuinguru zehatz horretan, gizarte arlo ezberdinetan abian zen euskalduntze prozesua burutu gabe zegoelako oraindik unibertsitatean: irakasle euskaldun falta, materialaren gabezia, etabar. Hamarkada pare bat beranduago ni neuk, urtero, jasotzen ditut euskaraz institututik datozen ikasle euskaldunak. Unibertsitateko euskalduntze prozesua amaitutzat ez badut ematen ere, aurrerapauso nabarmenak antzematen direla iruditzen zait. Halere, ikasleak euskaldunak izateko aukera emateaz gain, profesional eta langile euskaldunak izaten ere lagundu behar diegula iruditzen zait, eta horretan lan handia dago oraindik. Norbaiti irudituko zaio ikasle izatetik profesionala izatera dagoen jauzia ñabardura txiki bat dela, baina nire ustez koska nimiño horretan elementu garrantzitsu asko daude. Koska horretan, gainera, eztabaidarako elementu ugari ikusten ditut, etorkizunari begira landu beharrekoak, baina momentuz, pausu bat atzera eman beharko dugu, Patxi Saezek idatzitako artikuluan ondo islatzen den moduan, oraindik beste fase batean gaudelako. Eztabaida hasi baino ez da egin eta nire aldetik, Saezek egindako ekarpena osatu asmoz edo, bide horretan beste harri koskor bat jarri nahiko nuke, hausnarketak jarrai dezan. Besterik ez. Hori dela eta, Saezek irudikatutako hizkuntz politikarako norabide horrek eragindako zalantzak plazaratu nahiko nituzke ondoren aipatzen diren hiru elementuren bidez. Hirurak egungo euskararen egoera ulertzeko baliagarriak direla uste dut, eta horregatik norabide berri horretan kontuan hartzekoak direla deritzot. 1.- Euskara eta gure kultura emozionala Beste nonbait aipatu izan dudan moduan, nago euskararen pizkundearen oinarrian hizkuntzak gure kultura emozionalarekin duen loturan egongo litzatekeela. Pragmatismoak eta kultura ekintzaileak protagonismoa izan badute ere, jarrera hauen azpian euskal hiztunak (eta hiztun ez zirenak) hizkuntzarekin izandako lotura identitarioa topatu daiteke, bihotza eta emozioak erdigunea betez. Beste gauza bat da horiek publikoki agertu diren ala ez, edo, horien kudeaketa hiztun zehatz batzuen eskuetan geratu diren (emakumeen eskuetan esate baterako, euskararen transmisore gisa). Kultura emozional hori ikastolen sorreran aurkitzen dugu inon baino argiago, eta orokorrean diktadura zein trantsizio garaian emandako ekimen ezberdinetan puri-purian topatu daitekeela uste dut. Garai luze eta gogor horretan sortutako proiektuak euskararen kultura emozional jakin baten ikurtzat jo ditzakegu: ikastolak aipatu ditugu, baina hor dago ere euskal musika. Baliabide urriak zeuden garaian bihotzak, balioak, sormena, sentimenduak, … edozein traba gainditzeko gai ziren. Geroago legeak, erakundeak, plangintza, edo normalizazioa bezalako hiztegia garatzen joan zen eta planteamendu zein ikuspegi berri bat nagusitu zen. Lehenengoz aipatutako kultura emozionala kultur eta hezkuntza arloarekin lotuta zegoen bitartean, bigarren fasean garatzen ari zen terminologia edo diskurtso berria politika eta instituzioekin identifikatu daiteke (euskara zerbitzuekin esate baterako). Neutroa izan nahian arrazoiari (planak, adierazleak, portzentaiak…) eman zitzaion protagonismoa. Baina ez hori bakarrik, askotan dikurtsoak oso modu abstraktoan plazaratu dira. Zaila izan da euskararen gaineako irudiak zein diskurtsoak egunerokotasunera jaistea eta gertuko eremuan kokatzea: tokian tokiko errealitatetik, testuinguru bakoitzaren errealitatetik, bertan dauden indarguneak garatuz eta egon daitezkeen ahulguneak aztertuz. Ikastolen sorreraren garaia atzean geratu zen. Egun, zer geratzen da kultura emozional horretatik? Euskararen inguruan egiten diren festa erraldoiak (Kilometroak, Herri Urrats, Korrika….) eta BEC. Festa eta euskara. Talde handia, komunitatea, babesa. Egun pasa, kontsumoa, aldarrikapena. “Selfiak“, argazki asko, agerpen mediatikoak eta sare sozialak. Horrek egiten gaitu egun euskaldun eta mundu globalizatuaren kide. 2.- Euskara eta haurren unibertso paregabea Helduok gauza serioetan ibiltzen gara, oso lanpetuta eta estresatuta. Guk aldatu ezin duguna hurrengo belaunaldiek egingo dute. Ume eta haur euskaldunak nahi ditugu, baina beste gauza asko ere izan behar dute, besteak beste futbol izarrak (mutilak) eta abeslari edo modelo arrakastatsuak (neskak). Eta oso adibide gutxi kenduta, ez futbol izarrek ezta modelo arrakastatsuek, ez dira euskaldunak eta ez dute asmorik euskaren alde egiteko. Horregatik umeak txikiak diren bitartean euskarazko eremuetan murgiltzen ditugu euskal kantuz eta irribarrez blai egin daitezen, baina hazten doazen heinean, gauzak serio jartzen direnean, ereduak, unibertsoak eta hizkuntzak beste batzuk dira. Konturatzerako ume edo nerabe horietako askok euskara erdi galdua izango dute eta hasiko gara pentsatzen, belaunaldi honetan lortu ez duguna agian hurrengo belaunaldiak lortuko duela. Umeak euskalduntzearekin (euskaradun egitearekin) konformatu gara. Bide batez, euskara umetu dugu. Eta hori aurrerapauso garrantzitsua izan daiteke, baina soka motza duena. Emakume eta gizonen arteko berdintasunaz ari nintzela ezagun batekin, (gizonezko batek) zera esan zidan: baina neskak jada futbolean ari dira, ezta? Zer gehiago behar da? Bai, futbola feminizatu dela entzungo dugu, baina zein dira horrek eragin dituen aldaketak? Ezta bat bera ere. Izan ere, munduan zehar dauden txapelketa nagusi guzti-guztiak gizonezkoenak bakarrik dira. Emakumeak futbolean sartu badira ere, futbolaren mundua ez da ezertan aldatu. Ezertan. Futbol serioa gizonezkoena da. Umeak euskaldundu ditugu, baina zer aldatu da gure hizkuntz eta kultur unibertsoan? Agian futbolean genero berdintasuna baino gehiago, baina hala ere oso gutxi. 3.- Lan mundua eta gizarte egitura Aipatua geratu da. Gure belaunaldiko batzuk gazte ginela euskaldundu ginen. Askorentzat bizimodu bat bilakatu zen euskalduntze prozesua. Gozamena askotan eta tarteka une gogor batzuk ere (motibazioa batzuetan jaisten zelako), baina sinetsita egin genuen euskalduna ez zela jaio egiten, egin egiten zela baizik. Bidea intentsua izan zen eta horrek eman zigun aukera bizipen horiek barruraino sartzeko eta hizkuntzarekin bat egiteko. Gehienetan guztiz esperientziazkoa eta emozionala izan zen. Euskalhaldundu ginen. Kasu askotan bitarteko gutxirekin eta testuinguru epel batean. Eta gure testuingurua aldatu genuen, erdaldun izatetik euskaldun izatera. Eta guraso bilakatu garenok haur euskaldunak hezten ari gara. Bizitzak guretzako aurreikusita zuen patua eraldatu egin genuen. Batzuk uste izan genuen gauza bera gertatuko zela bizitzako beste esparru batzuekin. Esate baterako, emakume eta berdintasunaren aldekoa izanda, unibertsitatera iristeko aukera iraultzailea iruditu zitzaidan, ez nire amonak, ez nire amak ez baitzuten horrelako aukerarik izan. Horrela nire adineko neska guztiak hezkuntza sisteman txertatu ginen eta gutako asko eta askok goi mailako ikasketak burutu genituen. Aldaketa horrek lan mudurako sarbidea irekiko zigulakoan nintzen, titulua nahikoa izango zela. Ba ez! Denborarekin eta egoera barrutik ezagututa (hau da lan munduaren egoera ezagututa) segituan konturatu nintzen emakumeak lan mundura iristeak ezer gutxi aldatuko zuela, lan munduak berak emakumeak jasotzeko aldaketarik ez bazuen egiten. Eta hori da gertatu dena, lan mundua antolatzen eta arautzen duen sistema ez dela aldatu. Horregatik langabezia tasa igotzen denean edota emakumeak ama bilakatzen direnen kanporatuak izaten dira. Lan munduak eta genero sistemak kanporatzen ditu. Zer gertatzen ari da euskararekin? Eta zer gertatuko da hurrengo belaunaldi euskaldunekin? Zer gertatuko da, zehazki, lan munduan sartzen diren ikasle euskaldun belaunaldi berriekin? Argi dago urte hauetan lan munduari begira jartzeko oinarriak jarri direla, gurasoek euskara aukeratu dutelako euren seme-alabentzako. Horrek presioa suposa dezake, baina agerian da lan munduan ez dela inongo aldaketarik egin hizkuntz aldaketa gauzatu ahal izateko (esate baterako hezkuntzak bere momentuan egin zuen moduan), kontrakoa aldiz. Emakumeen kasuarekin alderatu daiteke egoera: emakumeak formatu egiten dira, baina gero gizarte aldaketak ez dio formazio horri lekua eskaintzen. Hizkuntzaren kasuan, ez da soilik euskara kontuan hartzea, berau garatzeko egin beharreko moldaketa eta aldaketei ere lekua egin behar zaie. Eta horretarako, lan mundua euskalduntzeko, beharrezkoak direnak zeintzuk diren jakitea zaila da: baliabideak, harremanen konfigurazio berria, material berriak, enpresetako dinamika berriak,… Ia guztia dago egin gabe. Dena dela, horretarako lehengai nagusia badugu: gazte euskaradunak. Gazte horiek profesional edo langile euskaldunak izateko prestatu behar dira. Euskara lantresna izan behar dute. Erabileraz haratago lana euskaraz egingo dutela barneratu behar dute (beste hizkuntza batzuk ere lagun izango dituztela jakinda). Bestela euskararen alde ahalegin handiak egiteko prest ez daudenak beti izango dute aitzaki on bat euskararen garapena moteltzeko: gazteek ez omen dute –eskolatik kanpo- euskara erabiltzen. Orduan zertarako bultzatu euskara ondorengo urratsetan alegia, lan munduan-? Aro berri baten gaude murgilduta aspalditik. Baina gutxi hitz egiten da gizarte aldaketaz. Eztabaida edo hausnarketa horri heltzen ez zaion bitartean, denak nostalgiaren itxura izango du: beste garai batean entzundako diskurtsoak eta leloak, aldiro-aldiro, makillatuta, behin eta berriro bueltan. Lan munduaren inguruan eztabaidatzen hastea aro berri bati ekiteko modu bat izan daiteke, gizarte aldaketa nagusienetarikoak hor ernaltzen direlako. 60. hamarkadatik aurrera, euskararen egoerak aldaketa ikaragarriak ezagutu zituen, eta horrek eszenatoki berriak ondorioztatu zituen. Eraldaketa hori, neurri handi batean, hezkuntzan emandako aldaketaren ondorioa izan zen. Aro berri honetan protagonista berriak behar dira, prest al dago lan mundua erronka horri aurre egiteko? (JONE M. HERNÁNDEZ GARCÍA antropologoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da) Euskalgintzaren 3. pizkundea nork piztuko du? Patxi Alaña Patxi, Zuk bidalitako artikuluari buruz iritzia emango nizula esan nizun eta gauza askotan ados nago: * Arlo sozioekonomikoa arlo nagusienetakoa da * Ziurtagiri hiperrindartsua behar da * Hori erabat zabaldu behar da gizarte osora Beste gauza asko ere bai: * Adostasun politikoa, estrategia bateratzea, jaiotza politika, ingurune euskaldunen indartze sozioekonomikoa... Orain urte bat bidalitako eta zuek argitaratuko artikulu honetan horiei buruz hitz egin nuen. Zure gaiarekin lotuta beheko zati hauek kopiatu ditut, hemen behean, gogoratzeko. Arazoa da nola jarri abian ganorazko hizkuntza politika. Eusko Ikaskuntzara honekin batera atxikita duzun proposamena bidali genuen eta hitz egin dugu baina hor geldirik dago. Kontseiluan ere proposatu genuen 2. Euskararen Unibertsio bat ea ziklo berri bati hasiera ematen genion, plan estrategiko berria aztertu zutenean baina ez genuen ezer atera. Euskalgintzaren 3. pizkundea nork piztuko du????? ? HPS eta Kontseilua errezeta zaharrekin dabiltzan bidartean, txarto gabiltza. Agian beste batzuek antolatu beharko dugu Euskararen Unibertsioa 2. Prest bazaude bagara bi. Agian, handi mandi batzuek idazki bat plazaratu beharko lukete: ASKI DA, HIZKUNTZA POLITIKO BERRIA ELKARLANEAN BEHAR DUGU, ea bazterrak inarrosten hasten ditugun. Txarto gabiltza, zuk eta Eustatek diozuen euskaldun erdia ez dira euskaldunak, euskalgungaiak izaten jarraitzen dute, eguneroko praxian euskaradun bihurtzen ez diren bitartean. b) Estrategia berrirako gakoetako batzuk Erabileraren ziurtagiri bakarra. Bai Euskarari ziurtagiria egonda, Bikain ziurtagiria sortzea ez zen erabaki egokia izan. Ziurtagiri bakarra behar dugu, oraingo Bai Euskararik eta administrazioek (Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta EEP) kudeatuta eta Euskal Herri osorako. Ziurtagiri bakar horrek bi maila egiaztatu beharko lituzke: batetik zerbitzua euskaraz ematen dela ziurtatzea eta, bestetik, zerbitzua eta lana geure hizkuntzan egiten dela. Ziurtagiri hori doakoa izateaz gain, lehenengo mailakoa eremu guztietara zabaldu beharko genuke: udalak, aldundi eta gobernuetako sailak, enpresa publikoak, ikastetxeak, elkarteak, kirol jarduerak, dirulaguntzak jasotzen dituzten eta administrazioetako hornitzaileak diren enpresa eta erakunde guztiak... Bestetik, administrazio atal askotan, ingurune euskaldunetan eta hainbat sektoretan, arnasguneak sortzeko, bigarren maila zabaldu beharko litzateke. Lurralde politika. Herrialdeetako hiriburuak eta eskualdeetako hiri nagusiak historikoki erdalduntze prozesuaren indarguneak izan dira. Azken urteotan, inbertsio gehienak hiriburuetan egin direnez, metropolizazio prozesua areagotu da, euskara gehiago zokoratuz eta ingurune euskaldunen arnasguneak desegituratuz, baliabide eta proiektu berririk ez edukitzeagatik. Mondragon Taldearen deszentzalizazio ikuspegiari esker (lantegiak, unibertsitatea… eskualde desberdinetan kokatuz) prozesu hau nolabait leundu da. Roberto Manjonek dioen moduan, lurralde politika hizkuntz politikaren eragile nagusia da eta, zoritxarrez, erabat kontra dugu, AHT esaterako. Lurralde politika errotik aldatu behar dugu eta egitura eta enpresa berriak ingurune euskaldunetan kokatu behar dira, euskara normalizatu nahi badugu. Beste adibide bat: gure herri txiki askotan, 20-30 etxebizitza berri egin, herritik kanpoko jendea etorri eta giroa erabat erdalduntzen da. Horrelako gauzak zaindu behar ditugu erdaldunak integratzeko dugun gaitasuna baxu-baxua delako. (...) Arlo sozio-ekonomikoa. Enpresetan, merkataritzan eta zerbitzuetan euskaraz bizitzeko, Ibarretxeren garaiko Jaurlaritzak urrats handia eman zuen: Hizkuntz Eskubideen Dekretua. Lehenengo aldiz, enpresa handiei kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko ibilbide orria jarri zitzaien: eskubideak eta epeak zehaztu, isunak aurreikusi. Zoritxarrez ondoren isunak kendu egin ziren eta, horrekin, Dekretuak balio handia galdu zuen. Gainera, dekretua ez da erabiltzen establezimendu berriei hizkuntza eskakizunak ezartzeko ere, beste lege eta arauak exijitzen zaizkien moduan. Dekretu hau bere osotasunean berreskuratzea ezinbestekoa da eta horrekin batera, gauza gehiago egin daitezke euskara alor honetan bultzatzeko: administrazioek eta enpresek beren hornitzaileei eskakizunak egitea, enpresak sortzean hasierako doako hizkuntz laguntza eskaintzea, hizkuntz eskubideak bermatzen dituzten enpresei zergak murriztea… Horrez gain, gune euskaldunak ekonomikoki indartu behar ditugu: administrazioaren zerbitzu batzuk hor kokatut negozio maileguetan baldintza hobeak eskaini, enpresa euskaldunak kokatzeko eraikin eskaintza egin… Azkenik, elkargo profesionalek, enpresari elkarteek eta sindikatuek ere zeresan handia dute gai honetan baina egindako urratsak apalegiak izan dira. Denak zuzenean inplikatzeko prozesu bat zabalduko beharko litzateke. (PATXI ALAÑA ARRINDA Iberba Hizkuntza Zerbitzuko arduraduna da) Etorkizun-ikuspegiaren aldetik ilunaldi moduko batean gaude Jon Sarasua Zure artikuluaz iruzkin labur batzuk, eskematikoki: Atsegin dut artikuluaren indarra, eta lehentasun-ariketa egiteko deia. Idazki argia da, eta eragilea. Euskararen biziberritzean etorkizun-ikuspegiaren aldetik ilunaldi moduko batean gaudela iruditzen zait, eta estrategiak etorkizun-ikuspegiaren alaba direnez, estrategien mailan ere lausoaldian gaudela. Trazo txikian gauza asko esaten da, baina trazo handian hurrengo pausuak zein diren ikusteko gaitasun falta moduko bat ikusten da euskalgileen pelotoian. Badut konfiantzatxoa, hala ere, horretarako zumitzak bilduko ditugula. Zorriak ikustetik elefantea ikustera pasa behar dugula diozu. Ados nago. Beldur naiz, ordea, elefanteaz gain jirafa, zebra, lehoia, orangutana eta beste batzuk ere ba ote diren zoo honetan. Arlo sozioekonomikoa elefante handi zaigu, baina beste desafio batzuk ere hor dabiltza lau hanketan. Baten garrantzia nabarmendu dezakegu besteak gutxietsi gabe, eta fauna honi jaten batera eman beharko diogula ahaztu gabe. Gogoan izango duzula pentsatzen dut, baina ohar hori eranstea ez legoke soberan. Diru pizgarriena aukera egokia iruditzen zait. Ona litzateke aukera horren ahalbideak esploratzea, eragile mota guztiekin. Ideia horren garapenari temati eustera animatzen zaitut. Bestetik, komeni da aipatzea enpresen euskalduntzeak dirua baino gehiago eskatzen duela. Duela hamabost urte hasierako kooperatibetan lan horretan jardutea tokatu zitzaidan apur batean; gaiaren konplexutasunaz jabetzeko adina. Motibazioak usaintzea, erritmoetan asmatzea, erresistentziak kudeatzea, espektatibak doitzea, erretzeak saihestea, neke-kontuei antzematea, ezagutza, erabilera, kanpo eskari makala, eleaniztasunaren konplikazioa... ez da "esan eta egin", asko jakin behar da, eta hala ere ez da beti asmatzen. Nora noa honekin: hamabost-hogei urteotan esperientzia dexentea pilatu da enpresetako euskara-planetan. Eta plan horiek garatzeko teknikari bataloi bat formatu da. Teknikari batailoi hori (gai honetan ari diren aholkularitza-enpresa eskukada batean ari dena) euskalgintzaren armada koxkorrean batailoi garrantzitsuenetako bat da. Pilatutako esperientzia horrek eta giza-baliabideen multzo horrek ematen digu bermetxo bat hurrengo pausuak "asmoz adina jakitez" emateko. Diru pizgarrien bidea sortzeaz gainera, hamar-hamabost urterako plana diseina litzateke, enpresen euskalduntzean nora eta nola iritsi nahi dugun mailakatzeko. Bi kontu horiexek sortu dizkit zure artikuluaren irakurketak. Ezertarako balio badizute, ondo, eta bestela, segiko dugu hurrengo batean. (JON SARASUA MARITXALAR Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea da) Ez dute inoiz utziko euskarak lehentasuna izatea Pako Aristi Patxi, asko gustatu zait zure testua, diagnostikoa egokia iruditzen zait, zorrotza, abiapuntu gisa balio handikoa. Hiru jakintza daude herri batek bere egoera alda dezan: historia, ulertzeko nola iritsi garen egoera honetara; diagnostikoa, gure egoera zehatz-mehatz zein den jakiteko; eta estrategia politikoa, gauzak eraldatzeko. Eta zuk ongi diozun bezala, gizatalde batek gauzak aldatu nahi dituenean, beti agertzen da beste gizatalde bat gauzak bere horretan mantendu nahi dituena, hor sortzen da talka, gatazka. Gatazka hori funtsezko bizikizun bilakatzen da horrela gizarte baten bihotzean, eta gehiago gizatalde batek bestea menderatzen duenean, gurean gertatzen den bezala. Euskararen aldeko legeak eta ekimenak goiko botere batek baliogabetzen dituenean… hori da menderakuntza detektatzeko tresnarik onena. Bukatzeko, ipiniko dizut testu bat, hitzaldietan erabiltzea gustatzen zaidana. Pau Vidal filologo kataluniarrak esana da, Berria egunkariko elkarrizketa batean, ea Katalunian hizkuntza eta estatuaren eztabaida nola dagoen galdeturik: "Izpiritu zientifikoak behartzen zaitu gauzak objektibotasunez esatera. Legeak aldatzeaz ari naizenean, noski, pentsatzen ari naiz estatu berri batean. Espainiakoarekin ezinezkoa da akordioa. Ahalegina egin da, eta oso ameslaria edo hipokrita izan behar da pentsatzeko espainiarraren gisako nazionalismo hegemoniko baztertzaile batekin akordioa lor daitekeela indar harremanak aldatzea ahalbidetuko luketen legeak egiteko. Sinpleago esan liteke: Espainiako estatuak ez du inoiz utziko Katalunian katalanak, Euskal Herrian euskarak edo Galizian galegoak lehentasuna izatea gazteleraren gainetik. Legea soilik aldatu liteke estatu berri batetik. Hizkuntzak, bizirik irauteko, beharrezkoa du estatu bat. Hori ez da unibertsala, baina Espainiako estatuan hala da". Zorionak testuagatik, eta animo zure bizitzako egoera berezi honetan!!! ! (PAKO ARISTI URTUZAGA idazlea da) Euskararen minbizia: euskaldun gehienak erdaltzaleak dira Juan Inazio Hartsuaga Euskararen egoerari buruz idatzi ditudanak ikusiak badituk, jakingo duk nire oinarrizko kezka euskaltzaletasuna dela. Gure aurrekoek eraiki zituzten mitoek fin zarraitek lanean eta gaurdaino arrakasta handi samarrez lortu ditek ezkutatzea gure drama eta gaitz nagusia: euskaldun gehienak ez dituk euskaltzaleak; euskaldun gehienak erdaltzaleak dituk. Elebakartasunak zekarren ezinbesteko euskaltzaletasuna amaitu denean, hautazko euskaltzaletasunaren aulezia azaldu duk argi eta garbi (Axularrek jada aipatzen zuena, bide batez), mitoek itsututa bizi ez garenon begietan bai behinik behin. Oinarri-oinarrizko gaitz horri heldu gabe, gainerako lanetan saiatzen garen artean, sendotasunik gabeko obrak osatuko ditiagu ezin bestean. Sarritan erabili ohi dudan metafora berriro aipatuz, bizkotxo trinko bat egin beharrean, soufflé harroa egiten ari gareneko inpresioa ezin diat burutik kendu. Eta badakik zer gertatzen zaion souffleari: Orratz alu batez ziztatu eta kitto haren trinkotasunik gabeko handitasuna. Putza besterik ez zela erakutsiko ziguk berehala. Azken garaiotan, disimulurik gabe eta "gure" erakundeetatik zabaltzen ari diren mezu subliminalek erakusten dutenez, posible duk eta areago, ohiko duk euskaldun jator petoa izatea erabat edo nagusiki erdaraz jardunez. Tesi mardula egin zitekek euskaldunen erdaltzaletasunaren zergatiak eta nondik-norakoak aztertzen. Mardula, interesgarria eta premia-larrizkoa, gertatzen ari zaiguna ulertzeko. Halere, -aipatzen nituen mitoen indarraren erakusgarri, nonbait,- ez duk horrelakorik inoiz egin, aspaldian euskal filologo eta soziolinguista ugari gure artean bizi den arren. Erraiak minbiziak janda ditudala baneki, ez nindukek sobera luzatuko eztabaidan, buruko minerako parazetamol ala ibuprofeno, zer komeni zaidan gehiago. Minbizia nola gelditu izango zuke nire lehentasuna. Lehentasuna eta, areago, kezka bakarra. Sentitzen diat, agian hik espero huen kritika egiten ez diodalako hire lanari. Eta benetan esaten diat sentitzen dudala, badakitelako zenbat gogoeta ordu eskatzen dituen egin duan bezalako lan bat prestatzeak. Baina bazekiat hik ere, neronek bezala, iritzi zintzoa estimatuko duala beste ezeren gainetik, eta hori eskaini diat, ahal izan dudan modurik egokienean. Izan ondo eta eutsi goiari. (JUAN INAZIO HARTSUAGA URANGA antropologoa da) Erdatzaletasunaren iturriak Patxi Saez Beloki Kaixo, Juan Inazio: Hire hausnarketa ez zegok nire artikuluaren tesietatik oso apartean. Hain zuzen ere, euskaltzaletasunarekin azaltzen duan oinarrizko kezka horrek lotura zuzena dik artikuluan aipatutako datu honekin: «EAEn, 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (%58) euskaldun berriak dira, alegia, bigarren hizkuntza euskara dute». Euskara bigarren hizkuntza duten herritarrek, neurri handiagoan edo txikiagoan, erraztasun handiagoa diate beren burua erdaraz azaltzeko, erdaraz bizitzeko. Nork bere izana erraztasun handiena duen hizkuntzan garatzen dik. Gure bakarrizketak eta gogoetak nekez garatzen dizkiagu gure bigarren hizkuntzan. Horretarako erraztasun handieneko hizkuntza erabiltzen diagu gure baitako elkarrizketak eta bizikizunak eraikitzeko. Hain zuzen ere, geure nortasuna eraikitzeko hizkuntza hori, normalean, gure ama-hizkuntza edo lehen hizkuntza izan ohi duk. Beraz, euskaldun erdaltzaleez osatutako gizartearen hizkuntza joerari buruz, badiagu hor zer hausnartua. Gaztelaniaz bizitzea da eguneroko errealitatea Rober Gutierrez Zure artikuluan pasarte ugari azpimarratu ditut. Iritzi batzuei ñabardurak erantsiko nizkieke. Esate baterako: "Euskarazko eskolak aho-idatzizko gaitasun betea duten lehendabiziko hiztun osoen belaunaldiak eman ditu…". Noski, hezkuntza sistemari aitortu behar zaio azken urte hauetan egindakoa. Baina… Horretaz ere idatzi nuen: "Hezkuntza sistemaren ekarpenaren ondorioz, (gasteizko) gaztetxo horientzat guztientzat, euskara ez da arrotza, euskaraz aritzeko gaitasuna badute, eta ez da gutxi, baina hortik hizkuntza erabilera-ohiturak errotik aldatzeko urratsa egiteko funtsezkoa izango da alor eta estamentu guztiak inplikatzea, bai eta hauen arteko koordinazioa, elkarlana eta osagarritasuna ere". Benetan eskolak (bakarrik) euskalduntzen al du? Hori aberasteko, ikus HEMEN edo, baita, HEMEN ere, etab. "Sekula baino hiztun gehiago ditu baina erabileran herren egiten du…". Lehen aipatu dizudan artikuluan ere esana nuen: “Gasteizko gaztetxo gehienentzat gaztelaniaz bizitzea da eguneroko errealitatea, normala dena. Esfortzu apartekoa egin behar dute gaztelera ez den hizkuntza bat erabiltzeko, eta horretarako motibazio berezirik ez badute, ez dute erabiliko”. Pertsonak eta ESPAZIOAK euskaldundu behar dira. Hizkuntzaren erabilerarako ezinbestekoa da espazioak irabaztea eta horren garrantzia azpimarratu ohi da behin eta berriz. “Lan mundua irabazi beharra dago euskararentzat”. Ados. Zuk diozun bezala, “lan munduko eragile guztiak ere artikulatu behar dira euskararen norabidean jartzeko…”. Azken urteotan lan handia egiten ari da alor horretan eragiteari begira. Lan Mundua euskalduntzeko konferentzia nabarmenduko nuke eta ondoren egiten ari den lan guztia. Enpresariekin, sindikatuekin, kontsumitzaileen elkarteekin zein administrazioko ordezkariekin hitz egin da egoeraren gainean. Lan mundua euskalduntzeko ezinbestekoak diren neurrien inguruan aritu gara eragile horiekin guztiekin: * Normalizaziorako espazioen euskalduntzeak duen garrantziaz * Hizkuntza-politiken eta arauaren funtzioaz * Enpresek eta langileek hartu beharreko konpromisoez eta behar dituzten bitartekoez edota laguntzez * Bezeroek honetan laguntzeko jokatu dezaketen paperaz… Elkarlana bideratu beharko litzateke baina, zoritxarrez, zailtasunak egon ohi dira hori bideratzeko. Espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko. Horregatik, berebiziko garrantzia du arlo sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile garelako, eragina du lan munduak gure bizimoduan eta hizkuntza jardueran. "Erraza izan aurretik dena oso zaila da"… horren inguruan neuk ere idatzi nuen.. Segi bizkor! Besarkada bat, (ROBER GUTIÉRREZ Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria da) Iruzkinak elefanteari begira Iñaki Arruti Landa Lehendabizi, eskerrik asko Patxi, indarrak hartzeagatik eta indarrak emateagatik, pentsatzeagatik eta pentsarazteagatik ere bai. Badugu premia. Elefantea. Halaxe izendatu duzu lan-mundua. Ez dago gaizki esana, handia da eta. Handia betetzen digun bizi-denboraren tamainan, zenbatekotasunean alegia eta handia baita ere, batez ere, betetzen digun bizi-moduaren nolakotasunean, garrantzian. Oso handia. Gauza asko esaten dituzu artikuluan eta ezin denak banan-banan aletu. Gehienekin bat egiten dut nik ere eta horiek errepikatu ordez, soilik beste modu batera ikusi ditudanak edo beste galdera batzuetara eraman nautenak erantsiko dizkizut: a) Belaunaldi berrien errauskailu? Eskolak euskaldundu duena lan munduak erdaldundu egiten du, diozu. Bai, baina ez beti eta ez denak. Gazte azpeitiar gehienentzat hala izango da seguruenik, baina eibartar gutxiagorentzat igual eta basauriar zenbatentzat? Lan-mundura iritsi aurretik, zenbat gazte erretzen zaizkigu bidean? Herriko futbol-taldean, adibidez? Ondo dakizun modura, omenaldia egin nahi diozun Fishmanek berak ere, herri-mailako lan-munduan eragitea irakaskuntzaren ondorengo urrats modura planteatzen du, baldin eta oinarrizko urratsa (etxeko giroa, auzo-ingurua eta bizi-esparru komunak, gertuko komunitatea) indartu bada eta hori indartzeko baldin bada. Nazio-mailako lan-mundua, berriz, urratsen hurrenkeran azkena da. b) Nola egin beharrezkoa (ia) beharrezkoa ez dena? Aspaldi iltzatuta geratu zitzaidan Fer que el català sigui útil i necessari és la clau per a la seva normalització efectiva esaldia. Eta horretan sozio-ekonomiak, elefanteak, duen garrantzia eztabaida ezina da. Kontua da, zuk diozun modura, nola lortu “útil i necessari” hori? Eta Coca Colari galdetzen badiogu? Edo Microsofti? Igual ez liguke balioko erantzunak. Merkatu-kontu bat da bai, baina ez da merkatu kontu bat soilik. Gauza delikatua eta garrantzitsua da inondik ere beharraren kontu hori. Eta, beharra, ideia linguistikoen logikatik, beharretik, begiratzea komeni zaigu (ez aldian aldiko ideologietatik). Begiratu, sinetsi eta praktikatu. Txepetxen teoria ezagutzen duenak, badaki hizkuntzaren normalizazioaren lehendabiziko axioma beharrarena dela. Arin eta argi, Andoni Egañak ere idatzita dauka axioma bera (Berria, 2012/10/06): “…Batek baino gehiagok esango du herritarrak «behartzen» ari garela. Nik esango nuke «beharra sortzen» ari garela eta aldi berean gure beharrak bistan ipintzen. Alde handia dago.” c) Diru gehiago, pizgarri? Baliabideez hitz egiten duzunean, berriz, pizgarriez eta bereziki diruaz hitz egiten duzu. Bistan da egun darabilzkigun diruak (eta legeak…) baino gehiago behar direla euskara lan-munduan txertatzeko (edozein kopuru [eta lege…], ordea, huskeria litzateke erdarak behartzeko erabilitakoen ondoan), baina ez nuke esango garrantzitsuena, eta batez ere, lehendabizikoa denik. Dirua (administrazioak emana ulertzen dut), ziurtagiriekin lotzen duzu eta agiri horiek euskaraz funtzionatzearekin, goitik behera eta behetik gora, diozu. Iruditzen al zaizu dauzkagun administrazioek enpresei hori eskatzeko (eta eskaintzeko) tenplean ditugula? Eta sinesgarritasunean? Diruak diru eta hizkuntza-eskakizunak eskakizun, euskaraz funtzionatzeak oso-oso administrazio gutxitan funtzionatzen duenean, ezta? d) Nola aldatu statusa, statusa aldatu gabe? Fishmanen beraren zita mamitsua ekarri duzu zerorrek tamainako gizarte aldaketek sortzen dituzten erresistentziak deskribatzeko: “Herri hau euskalduntzen bada, eliteak aldatuko dira. Oraingo eliteek, lanpostu onak dituztenek, boteredunek, botere hori konpartitu edo galdu beharko lukete, botere hori gaztelaniaren bidez lortu eta mantentzen dutelako…”. Ez da nolanahiko esaldia eta ez dut uste Txepetxek dioen Redistribución del poder lingüístico kontzeptuaz ere oso urruti dagoenik. Lurralde-eremu honetan berezkoa eta laster 40 urtez ofiziala ere baden hizkuntza hau ezagutzea lehendakari, ararteko, kontseilari, zuzendari edota alkate izateko beharrezko jo ez duen eta beharrezko hartu ez duen hori, deitu elitea nahi baldin baduzu, ikusten duzu enpresariei statusa aldatzeko eskatzen, berea aldatzeko gorputzik izan ez duenean? e) Anabasa eta sabana Antzekoak dirudite, baina norabideak desberdintzen ditu. Ikusi, ikusten dut elefantea, eta begiratu ere begiratzen diot elefanteari. Elefanteak, ordea, sabanan eta beste animalia batzuekin batera bizi dira eta sabana guztiak ere ez dira berdinak. Batzuk anabasa (linguistikoak) dira eta besteak sabana. Ekosistema bakoitzak topatu behar du bere oreka eta horretarako une eta gune batzuetan txingurriei eman beharko zaie bide eta beste batzuetan, berriz, elefanteei. Edozein kasutan, ekosistemak oreka hori topa dezan, bilatu egin behar da, dugu, bakarrik ez baitu aurkituko. Gezurra, aurkituko du oreka berri bat, baina bestelakoa izango da. Eta horretarako, zuk nahi duzun sabanako bidea egiteko, zuk egin duzun modura, anabasan ateak jo eta ireki egin behar dira. (IÑAKI ARRUTI LANDA Lasarte-Oriako euskara zerbitzuko arduraduna da) Ausartegia litzateke arazo nagusia lan munduan dagoela esatea Miren Segurola Artikuluan esaten diren gauza askorekin erabat ados egon arren, funtsean, baditut artikulua irakurri eta kopeta zimurrarazten didaten zalantza batzuk. Eta ez dira nolanahiko zalantzak, artikuluaren teoria baita zalantzan jartzen dudan lehenengo puntua, eta arazoaren soluziobidean zehazten den estrategia bigarrena. Euskararen normalizazioaren ikuspegitik, lan munduaren inguruan egiten diren afirmazio askorekin bat egiten dut: “euskaraz biziko bagara lan mundua euskaldundu behar da”, “gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzeko egindako saiakera guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak”, “lantokian euskara nagusi ez izateak bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du gizartearentzat”... Baina zalantzak ditut hori ote den gaur egun euskarak duen problemarik handiena. Egia da soldataren truke lan egiten dugunok esna gauden denboraren erdia lanean pasatzen dugula, baina Euskal Herrian 15-65 urte bitarteko biztaleriaren %60,8k egiten du lan, horietatik %20 administrazio publikoan, eta beste ehuneko batek hezkuntza sistema pribatuan, eta %70ek zerbitzuetan. Oraindik euskal gizartearen %70tik gora erdaldun elebakarra da, badaude D eredu ikastetxeak non ikasleek atetik atera bezain pronto gaztelaniaz egiten duten, udalerri euskaldun askotako arazo bihurtzen ari da guraso euskaldunak gaztelaniaz aritzea parkean, administrazioa ez da gai bere zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzeko, hedabideen kontsumorako aukeren artean euskararena ez da %5era ere iristen... Horien guztien jakitun izanda, ausartegia litzatekeela uste dut arazo nagusia lan munduan dagoela esatea. Agian ados egon ninteke arazo nagusienetako dela esatearekin. Baina arazoaren nagusitasunaren inguruko zalantza izanagatik ere, nik ere lan munduan eragitea garrantzitsua dela uste dut. Hala ere, beste hainbat zalantza sortzen zaizkit artikuluak lan mundua euskalduntzeko planteatzen duen estrategiaren inguruan. Ez dut uste lan mundua euskalduntzeko estrategia egokiena enpresei pizgarri ekonomikoak ematea denik. Eta ez estrategia desegokia bakarrik, estrategia hori gizartearentzat justua ez litzatekeela izango esatera ere ausartuko naiz. Gaur gaurkoz, herritarrek bertako hizkuntza ikasteko ordaindu egin behar dutenean, administrazioek ez dutelako nahikoa bitartekorik jartzen euskararen lurraldean bertan herritar guztiak euskaldun izateko, herritar ororen eskubidea izan arren. Gainera, uste dut administrazioak badituela bestelako baliabide batzuk, bertako lantokiak euskaraz funtzionatzen jartzeko. Zalantza dudana da, ba ote dagoen nahikoa borondate enpresa edo industria sareari erantzukizun horiek jartzeko. Zergatik bestela sustatzen dira bi ziurtagiri enpresa eta erakundeentzako, bata kalitatearen A ziurtagiria, eta beste bat Bikain ziurtagiria, euskara gaitasunari dagokiona? Ez al litzateke dezente eraginkorragoa Euskal Herrian kalitatearen ziurtagiria eskuratu nahi duen edonori euskara ezinbesteko baldintza bezala jartzea? Ez al lituzke horrek testuan aipatzen diren ziurtagirien datuak eraldatuko? Ez al luke enpresa askotan euskalduntzea bizkortuko? Beste bidea administrazioak egiten dituen lege edo arauena litzake, nik uste dut lan munduan urrats asko egin daitezkeela. Zer izango litzateke kontsumitzaileen legea bera betearazteko neurriak jarriko balituzte? Edo administrazioak berak egiten dituen kontratazioetan enpresei hizkuntza exigentziak jarriko balizkie beti? Ziurrenik estrategia ezberdinak erabilita ere lan handia egin beharko dugu lan mundua euskalduntzeko, baina euskararen normalizaziorako estrategia ezberdinetan sakontu eta adostasunak biltzea ezinbestekoa izango dugu, aurrera egin nahi badugu. (MIREN SEGUROLA LARRAÑAGA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko -UEMA- koordinatzailea da). Orain arteko paradigmari begiratu kritiko bat emateko garaia Joxean Amundarain Ez dakit lan munduarena den euskararen elefantea, elefante bakarra, alegia (izan ere urliak arnasguneei buruz hitz egingo du, sandiak erabilera eskasaz, berendiak Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako lege egoeraz …) ; baina bai, begi aurrean dugu eta ez da nolanahiko pakidermoa. EAEri buruz ari gara, jakina; artikuluaren haritik Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan eskola munduan eta, lana franko egin behar baita, oraindik. Sentsazioa daukat, EAEn, Normalizazio Legea onartu zenetik 33 urte pasa ondoren, tokatzen dela orain arteko paradigmari begiratu kritiko bat ematea eta etorkizunari begira beste oinarri batzuk jartzea. Espainia aldean, boladan dago Podemos (Ahal Dugu) alderdia. Batzuek diote alderdi horren arrakastaren gakoetako bat dela egungo egoera politikoari buruz egin duten diagnostiko argia. Ezaguna da alderdi horretako zenbait agintarik nolako ikuspegi kritikoa duten hainbestetan loriatu den Espainiako trantsizioari buruz. Esango nuke, ez hain modu esplizituan, baina Euskal Herrian zenbait jende hasi dela iragan hurbil hori ere begi kritikoekin begiratzen. Nik behinik behin horrela ulertzen dut Ruper Ordorikaren Haizea Garizumakoa abestiaren ahapaldi hau: Hemen okerreko belaunaldikook, ezertan asmatu ez dugunok, norbere lotsaz ardura dadila gu geureaz arduratzen bezala Bada, iruditzen zait Euskararen Legearen inguruan antzeko zerbait egin beharko litzatekeela. Asko dira legeak ekarri dituen onurak; baina badira hutsuneak eta horiei buruz ere hitz egin beharko genuke, modu lasaian. Eta hutsune horien artean, lan munduaren hizkuntza normalizazioarena izan da nagusietako bat, dudarik gabe. Bestetik, Espainiako trantsizioan bezala, komeniko litzateke mitifikazio maila apur bat jaistea. Izan ere, zaila da sinistea garai batean halako adostasunezko giro miragarri bat zegoenik, geroko gertakari eta adierazpen batzuk ikusita. Ramon Labaieni Jakinen egin zioten elkarrizketa irakurrita, ematen du garai hartako giroa ez zela gaur azaldu nahi zaigun bezalakoa (ikus, HEMEN). Berrikuspen orokor honen barruan kokatuko nituzke lan munduan euskararen erabilera suspertzeko abian jarri diran politika eta ahaleginei buruzko hausnarketa. Esaterako galdera batzuk datozkit burura: Hala, gogoan dut EHUren udako ikastaroetan Hiztunetik hiztunera, euskararen bizipenek ezarritako bidetik izeneko ikastaro bat antolatu zuela Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Zuzendaritza Nagusiak. Joan Pujolar irakasle katalana izan zen hizlarietako bat eta halako batean aipatu zigun zein garrantzitsua izan zen katalanaren hizkuntza normalizaziorako Generalitateak katalana hartu izana laneko hizkuntza nagusi. Inportantea izan omen zen ez bakarrik Kataluniako erakunde nagusiak katalana hartu zuelako lan tresna, baizik eta administrazioarekin lan egin nahi zuten enpresei mezu argi bat bidali zitzaielako. Orain galdera, zein da EAEko administrazio nagusiaren eta administrazio nagusien lan hizkuntza (erakunde autonomoena, mundu parapubliko horrena)? Ze mezu banatzen dute inguruko enpresetan? Lan munduan? Eustaten arabera, administrazioak %15,35eko pisua izan zuen 2014ean EAEko Barne Produktu Gordinean. Kataluniako ereduari jarraituz gero izango litzateke eragiteko modua, ezta? Bestetik, 2005-2009 legealdian Jaurlaritzak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzkoa 123/2008 DEKRETUA onetsi zuen. Euskaldunen artean eta kontsumitzaile elkarteen artean harrera ona izan zuena, hizkuntza bazterkeriako hainbat egoera saihesteko aukera ematen zuena eta, horretaz gain, zerbitzu sektorearen euskalduntzean eragina izan zezakeena. Aurreko gobernuak bertan behera utzi zuen dekretu hau, baina oraingo gobernuaren ildo politikoa 2005-2009koaren antzekoa da. Hala ere, zergatik ez da eguneratu dekretu hori? Zergatik ez da apenas hitz egiten kontsumitzaile euskaldunen hizkuntza eskubideei buruz? Galderen ondoren baieztapen pare bat ere egin beharko lirateke, nire ustez, lan munduaren euskalduntzeari buruz ari bagara: Lanbide Heziketan euskal ereduek gainerako zikloetan baino pisu nabarmen baxuagoa dute EAEn (zer esanik ez Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian). Nekez egingo dugu aurrera lan munduan Lanbide Heziketari arreta berezia eskaintzen ez badiogu. Hizkuntza formalaren aldetik inoizko belaunaldi prestatuena dugu Euskal Herrian. Paradoxikoki lan mundura doazenean, eta oraingoan administrazio publikoari buruz idatziko dut, gazteleraz jartzen ditugu lanean. Kontua da lanean 5-10 urte pasa eta gero primeran egiten dutela lan gazteleraz eta ihartuta dutela euskal sena. Orduan bai, orduan okurritzen zaigu trebakuntza, prestakuntza, erabilera … planen bat eta urteetako sorgin gurpilean sartzen gara. Disonantzia nabarmena dago heziketaren eta lan munduaren artean, haundia, haundiegia .. eta galdera da zenbat denboran eutsiko diogun irlandizazio prozesu batean sartu arte. Neronek, arrisku bizia ikusten dut. Zurearekin bukatzeko, arrazoi duzu neurri batean, lan munduaren da begi aurrean dugun elefanteetako bat eta eragiten hasteko gainerako politiketan egindakoa egin beharko dugu: estrategiak asmatu, arautu, bultzatu, eragin , zigortu, seduzitu… ez da bide bat bakarrik egongo. (JOXEAN AMUNDARAIN ITURRIOZ Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntz Normalizazio Programetako atal-burua da) Lan-mundua euskararen historia sozialaren mugarri bat Alex Vadillo Kaixo, Patxi Hainbat ideia zure artikuluaren inguruan: ADOS NAGO hizkuntzak biziberritzeko prozesuak ez direla linealak. Inflexio puntuak daude, diskontinuitateak; une kritikoak, gradu batetik bestera igarotzeko aukera ematen dutenak. Aldaketa kuantitatiboak eta aldaketa kualitatiboak dira… eta hizkuntzaren historia sozialean mugarri gisa finkatzen dira. Euskararen batasuna da bat, euskal eskolak beste bat. Gaizki ulertu ez badizut, LAN MUNDUA da, zure ustez, beste eszenatoki batera igarotzeko ezinbestean eman behar dugun hurrengo jauzia. Arrazoi duzu, ziur aski. Halere, ni neu TOKIAN TOKIKO planifikazioaren aldekoa naiz. Azpeitiko talaiatik begiratu eta erronka garbi ikusi duzu. Eskerrak horrelako talaiak ditugun! Behetik begira ari garenok, sarri, ezin izaten diogu basoari tamaina hartu. Behar primarioagoak atzematen ditugu: eskoletan edota aisialdian ditugun zuloetan trabatuta gaude, ontzia hortik husten ari zaigula somatzen dugulako. Begiak arlo sozioekonomikoan jartzen ditugunean ere, lehentasunak beste nonbait jartzen ditugu: komertzioa, ostalaritza, zerbitzuak... hiriko bizitza sozialean eragin beharra dago. Hortaz, zuei dagokizue bidea egitea. Ez da lehendabiziko aldia izango. Pizgarriak proposatzen dituzu. Pizgarriak? Sustapena? SUSTATU ala ARAUTU? Alferrikako dilema, ez zaizu iruditzen? Biak ala biak dira beharrezko. Kontseiluak esan ohi du Euskal Herriko hizkuntza politikak araugintzatik gutxitxo duela, eta sustapenetik elikatzen dela. Baliteke arrazoia izatea. Kontsumitzaileen legea adibide paradigmatikotzat jo daiteke. Hutsuneak zituen, baina irudipena dut betebehar batzuk estrainekoz era operatibo samarrean arautzen zituela. Zertan geratu dira, ordea? Susmoa dut, bide honetatik jarraituz gero, lehenago edo beranduago, PROGRESITIBITATEAren idearekin topo egingo dugula: arian-arian, emeki-emeki. Iñaki Urrutiak esan ohi du progresibitatea -egun- sustapen-politika neutralizatzeko faktorea dela. Arrazoi du. Xabier Mendigurenek ere zeozertxo esan izan du horretaz. Akordatzen? "Eztabaida liteke bi puntuen arteko denbora-tartea txikia ala handia den, baina hori zilegi da. Baina ez da zilegi bukaera-datarik gabeko plangintza baten barruan progresibitatea argudiatzea egiten denaren inguruko kritika sortzen denean". Iruditzen zait progresibitatea hizkuntza politikan beste modu batean ulertu izan dela. Progresibitatea ez da izan urrats bat beste baten atzean ematea. Progresibitatea gizartearen nahimenarekin lotuta ulertu dute: urratsak eman, gizartea (edo iritzi publikoa) urrats horiek onartzeko prestatua dagoen neurrian, eta soilik neurri horretan. Jauziak emateko ausardia gehixeago behar dela iruditzen zait. Oraingoz aski da honaino. Eztabaida interesgarria piztu duzu eta arretaz jarraituko dugu. Emango du zeresana! Hurrengora arte! (ALEX VADILLO OTXOA Euskara teknikaria eta Allartean soziolinguistika blogaren sortzailea da) Elefanteak ere mugitzen dira Paul Bilbao Artikulu interesgarria Patxi Saezek idatzitakoa, eta lehenbizi, eskerrak eman nahi dizkiot artikulu horri oharrak edota iruzkinak egiteko eskaini didan aukerarengatik. Saia gaitezen, beraz, zorriak ez ezik, elefantea ere ikusten, eta ahal dela, mugiarazten. Erabat ados Patxik egiten duen planteamendu nagusiarekin, hain zuzen ere, belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten dituela, neurri batean, lan-munduak. Inbertsio handiak egin dira pertsonak edo norbanakoak euskalduntzeko, eta horrek uzta oparoa eman digu. Halere, hor badugu zer hobetu. Izan ere, gaur egun, oraindik, euskara gaitasun egokirik gabe amaitzen dute derrigorrezko hezkuntza milaka ikaslek. Eta hor ere Patxik ,argiro adierazten du zein jauzi dagoen ezagutzaren era erabileraren artean. Halere, ezagutzaren/erabileraren gai horrek ere hari-mutur asko duela iruditzen zait, eta hurrengo baterako utziko dut. Lehenik eta behin. gogoratu nahiko nuke maiz sinetsi eta sinestarazi dela pertsonak euskalduntzea nahikoa zela gizartea bera euskalduntzeko. Urteek erakutsi digute hori ez dela horrela; alegia, pertsonak euskalduntzearekin bakarrik ez dugula gizartea euskaldunduko, eta ondorioz, espazioak euskalduntzea ere estrategikoa dela. Eta, noski, Patxik artikuluan aipatzen duen lan mundua espazio horietan kokatzen da neurri handi batean. Izan ere, ezin da ahaztu lan munduaren euskalduntzeak herritarron eguneroko bizitzan duen eragin luze-zabala. Bertan langile bezala igarotako orduengatik edota lan mundutik datozkigun zerbitzu eta produktuen kontsumitzaile izateagatik, sakoneko eragina du lan munduak gu guztion eguneroko bizitzan eta hizkuntza jardunean. Halaber, eta Saezen artikuluan jaso bezala, inoiz baino euskaldun gehiago eta prestuagoak daude gure herrian. Ondorioz, lan munduaren euskalduntzeaz ari garenean euskaraz bizitzeko nahiaz ere ari gara, euskaraz saldu, erosi edota lan egitea euskaraz bizitzea baita. Patxik aukera bat aurkezten digu lan munduaren euskalduntzean eraginkorki jokatzeko, instituzioen politikarekin lotutakoa. Halaber, lan munduko eragileak bide horretan jarri beharra ere azpimarratzen du. Honatx, gure ustez, artikuluan aipatzen diren eragile horiek bete ditzaketen funtzioak. Enpresak: Enpresa guztiek kudeatzen dituzte hizkuntzak inplizituki edo esplizituki. Lan-tresna izaki enpresek ezinbesteko dute hizkuntzen kudeaketa. Kudeaketa hori egiteko modurik egokiena enpresen baitan hizkuntzen kudeaketa ere kokatzea da. Horretarako, beharrezkoa da enpresek beren hizkuntza-politika propioa lantzea eta adostea. Horren baitan, langileei ordutegi eta egutegi aldetik erraztasunak eskainiko dizkiete euskaraz lan egiteko gaitasuna eskura dezaten. Aldi berean, enpresei dagokie beren bezeroekin eta langileekin dituzten hartu-eman guztiak euskaraz garatu ahal izateko baldintzak bermatzea Langileak: Langileei dagokienez, euskaraz lan egiteko eskubidea lankide guztiek gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da lehen-lehenik beraien burua euskalduntzea. Lanbide-jarduna euskaraz garatzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, langileek euskaraz bizi nahi horri eutsi behar diote eta praktikara eraman. Bide horretan, beharrezkoa da sindikatu edo langileen ordezkariek sektoreka edota enpresekin negoziatzen dituzten lan-hitzarmenetan lan-jarduera euskaraz garatzeko eskubidea gauza dadin urratsak jasotzea. Herritarrak: Herritarrei dagokienez, eremu honetan ere geure burua euskahaldundu behar dugu. Egungo gizarte-moldeak bezeroa erdigunean jarri eta boteretzen du. Eskubide eta botere guztiek bezala, ordea, kontsumitzeak ere erantzukizuna dakar. Horrela, kontsumitzeko moduak bizi kalitatea hobetzen eta mundu justuago bat bultzatzen lagun dezake, beren kontsumo-ohituren bidez, enpresek dituzten jokabide egokiak sarituz eta desegokiak zigortuz. Horrela, beharrezkoa da, herritarrek kontsumo arduratsua garatzea eta hizkuntzekin ere erantzukizun sozialez jokatzen duten enpresak lehenestea. Instituzioak: Hizkuntza-politika bat egiteko bi modu nagusi dago: laguntzen bidez edo arauen bidez. Biak ala biak dira beharrezkoak, baina nahitaezkoa ere bada bi bideak erabiltzea. Administrazioari dagokio herritarren eskubideen bermatzailea izatea, bai eta bide horretan eredugarria ere. Horrela, langileen euskaraz lan egiteko eskubidea, enpresen euskaraz saltzeko eskubidea eta kontsumitzaileen euskaraz erosteko eskubidea bermatzea izango du zeregin nagusia. Horretarako, beharrezko hizkuntza-politika garatu beharko du. Esan bezala, hizkuntza-politika honek bi jardunbide garatu beharko ditu modu koordinatu eta eraginkorrean: diru-laguntza bidezko sustapen-bidea eta corpus juridikoa garatuz jorratu beharreko araubidea. Biak ala biak dira beharrezkoak eta eraginkortu beharrekoak gaur-gaurkoz. Hor kokatu nuke Patxik egiten duen proposamen nagusia, baina nire ustez, beste neurri batzuekin osatu beharrekoa. Eta, bai, erresistentziak izango dira. EAEn ikusi izan dugu araubidean aldaketaren bat egin nahi izan dutenean zer nolako altxamenduak izan diren. Hor ere, inteligentziaz jokatu behar dugu, baina ezin dugu inolaz ere atzera egin. Hor kokatu behar dugu euskalgintzaren lana, hor kokatu behar ditugu euskahaldunak. Azken finean, eta lehen esan bezala, lan munduaren euskalduntzeak ahalbidetuko digu euskaraz bizitzea, eta beraz, euskaraz bizitzeko milaka hauturen determinazioak aldaketarako erresistentziak neutralizatzeko gai izan behar dira. Euskaraz bizitzeko nahiaren bermeak aldaketa eragingarria behar du. (PAUL BILBAO SARRIA Kontseiluaren idazkari nagusia da) * Oharra: Artikuluaren ideia nagusiak KONTSEILUAk, aholkularitza-sektorea osatzen duten Elhuyar, Artez, Iberba, Ahize-AEK, Emun eta Bai Euskarari Ziurtagiria bazkideekin batera, 2013ko ekainaren 13an Arrasaten aurkeztutako Lan mundua euskalduntzeko adierazpena izeneko dokumentuan jasotzen dira Euskara normaltasunez eta baikortasunez bizitzea funtsezkoa Lionel Joly Egun on Patxi, Oso interesgarria eta egokia iruditu zait zure artikulua, eskertzen dizut nire iritzia eskatu izana. Sentitzen dut hain berandu erantzutea baina tira hementxe dator... Ez dakit nire ohar xume horiek lagungarriak izango diren baina tira hementxe datoz. Euskaraz idazteko dudan gaitasuna oso mugatua da beraz zer edo zer ez bada ulertzen esan lasai eta beste modu batean adierazten saiatuko naiz. Artikuluaren hasieran plangintza egokia egiteko euskararen arazo nagusia zein den zehaztu behar dela aipatzen duzu. Ados nago, zalantzarik gabe, dena den batzuetan zalantza dut ea euskara “problema” bezala planteatzea egokia den. Nire ustez plangintzan dihardugunontzat egokia izan liteke baina publiko zabal bati begira euskara lexiko baikor batekin lotzea garrantzitsua iruditzen zait. Euskal hiztun guztiak soziolinguistak izateko beharrik ez dute eta beraz modu normalean bizi behar dute haien hizkuntza erabiliz. Plangintzan dihardutenen ardura da aukera horiek ematea euskaldunei. Beti daude eta egongo dira talkak eta gatazkak, soziolinguiston ardura litzateke gatazka horiek (batzuetan ezkutukoak dira, Bourdieuk behin eta berriz aipatu izan duen bezala) agerian uztea eta euskaldunei tresna batzuk ematea gatazka horiek xuabizatzeko edo behintzat egoera horien aurrean ahalik eta irtenbide egokiena topatzen laguntzeko (ikus TELP-en aukerak adibidez). Hizkuntza normal erabiltzea aipatzen dudanean, Jakoba Errekondoren liburuaren arrakasta datorkit burura (Bizi baratzea. Garaian garaikoa garaiz. 2015). Sekulako arrakasta izaten ari da, euskarazko liburua da gai praktiko bati buruz, horrek ematen dio euskarari normaltasuna eta hiztunari bere hizkuntzan bizitzeko aukera. Normaltasunez bizitzea (ahal den neurrian) eta baikortasunez ikustea euskararen gaia funtsezkoa iruditzen zait. Euskarak ez du balio behar euskarari buruz hitz egiteko nagusiki, gai arruntak aipatzeko erabili behar da. Okzitaniarraren kasuan oso ezkorrak izan ziren soziolinguistak eta ezkortasun horrengatik azkartu egin zen hizkuntzaren gainbehera: etorkizunik gabeko gai batean jendeak ez du emozionalki konprometitu nahi izaten. Are gutxiago gaur eguneko gizartean, hainbeste egonezin eta frustrazio sortzen duen honetan. Frustrazio tasa oso altu du jendeak eta ez du arazo gehigarri bat nahi normalean, gutxiago etorkizun onik ez badu. Mezu ezkorrek normalean kontzientziazio bat lortu nahi izaten dute, baina aipatu dizudan moduan okzitaniarraren kasuarekin askotan kontrakoa lortu izan da, aipatu dizudan fenomenoari, gainera, beldurra eransten bazaio (galtzeko beldurra etab. ), okerrago: gizakiak bere beldurrak egia bihurtzeko joera du. Bikoteetan asko gertatzen da: Nire bikotea baino gutxiago sentitzen banaiz (itxusiagoa, tontoagoa etab.) bikotea alde egingo duelaren beldur izango naiz. Egoera horrek hainbat ondorio izan dezake: gutxietsi egingo dut nire bikotea, ni baino gutxiago dela sentiarazteko (ni gehiago sentitzeko), etengabe maite nauelaren frogak exijituko dizkiot (alde egingo ez duela seguru sentitzeko) edota beste ohiko kasua da nik neuk harremana etetea. Hori da, nire beldurrari aurre egiteko beldur hori nik bultzatu eta egia bihurtuko dut. Alegia, zerbaiten beldur gaudenean batzuetan mekanismo inkontzienteen bitartez gure beldurraren objektua probokatzen dugu (emozionalki sufrituaraziko gaituen arazoari aurre hartu nahian, hainbeste ez sufritzeko). Beraz euskara galtzeko beldurra obsesio bihurtzen bada aukera handia izango da gure beldurraren objektua guk geuk bultzatzeko eta probokatzeko. Sentitzen dut... urruti xamar joan naiz... ea berriz zentratzen naizen... Laburbilduz, gauzak modu baikorrean ikusi behar dira, eta diozun moduan azken 50 urteak euskararen pizkundearen aldi bat bizi ari gara. Zure artikuluaren aurreneko zati hori oso egokia iruditu zait. Euskararen ajeei dagokienez, belaunalditik belaunaldira euskara bigarren hizkuntza bezala irautea ez dirudi oso errealista: ez dut ezagutzen kasurik zeinean tokiko hizkuntza bigarren hizkuntza gisa irauteko asmorik dagoen. Ez da izan Israelgo kasua, okzitanistek okzitanoa berreskuratzeko bidea proposatu izan zutenean aipatzen duzun kasua pausu bat baino ez zen berreskurapenaren bidean, halaxe da Fishmanen RLS-en ere. Zalantza dut, again, latinarekin Vaticano-n baina noski kasu berezia da hori. Atal honetan aipatzen duzuna egia da, zalantzarik gabe, datu makro horiek egia dira baina euskararen etorkizunari begira baikortasuna maila kualitatiboan aurkitu behar da eta hori da landu behar dena. Maila hori lantzeko maila kuantitatiboa, makro maila ere landu behar da, baina itsutu gabe azken maila horrek eman ditzakeen datu baikorrekin. Hirugarren atalean (Euskaraz bizi) lan-munduaren gaiaz aipatzen duzunarekin erabat ados nago, beti ere kontuan hartu behar da hori egia dela gizarte aktiboarentzat bereziki. Enpresa guzti horiek erdaldun izanak ondorioak ditu bezeroarentzat ere. Hori da, lan-mundua funtsezkoa da gizarte-aktiboarentzat alde batetik, eta lan-munduak funtsezko papera du tokiko egoera soziolinguistikoetan bestetik. Laugarren atalean planteatzen duzun ondorioa interesgarria da. Orokorrean ezin da arbuiatu, dena den soziolinguistika sozio- da eta ezaugarri hori azpimarratu behar da. Erabilera edo planak egitera derrigortzea testuinguru soziala kontuan hartu gabe alferrikakoa litzateke. Argi adierazten duzun moduan, derrigortzea askotan kontrako ondorioak lortzen ditu, aldiz diru-pizgarriak askoz aukera egokiagoa dirudite. Hala eta guztiz ere, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartu behar da, ezinbestean, eta enpresa bakoitzaren errealitate eta inguru soziolinguistikoa ondo ezagutu behar da hizkuntza-plangintza egokia egiteko. Azken atalean erresistentziak aipatzen dituzu. Aurreneko axioma da plangintza eraginkorra eginez gero enpresek euskara derrigorrez eskatzen hasiko direla eta ondorioa da horrek euskara bizi ekonomikoaren zentro zentroan kokatuko duela. Egia izan liteke baina kontrako efektua ere lor liteke: hainbat hiztunak euskararen aldeko jarrera epela du, euskararen alde dago baina berari, hiztun moduan, konpromiso praktiko gehiegi eskatzen ez bazaio. Hiztun horientzat, euskara ezagutzea derrigorrez eskatzeak again jarreraz aldatuarazi egingo du. 80. hamarkadan Itziar Basterretxeak gai honi lotutako doktore-tesia aurkeztu zuen Deustuko Unibertsitatean, ondorioa argia zen: helduek euskararekiko duten konpromisoa eskolaren gain uzten dutenean, azken finean hurrengo belaunaldien gain uzten dute erantzukizuna. Beraiek ez dute inongo esfortzu gehigarririk egin behar euskararen alde. Esfuertzu gehigarria eskatzen bazaie, ikusteko dago ea aldeko jarrerak ez diren jaisten eta ondorioz plangintzak duen gizarte-babesa eta legitimitatea ez den galtzen. Eaba, eskerrik asko zure artikuluagatik eta egiten duzun lanagatik orokorrean! Egun on ona pasa! (LIONEL JOLY CHARRASSE soziolinguista da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntza Plangintza graduondokoaren irakasle) Dugun egoera "defizitario" hori ez da monolitikoa, pitzadurak ditu Nora Palmitano Rossi Irakurri dut artikulua. Behin, birritan eta, beste behin ere gaur. Zintzo-zintzoa izango naiz nire iritziarekin: Artikuluaren egituraz: 1- Min egiten didan arren, ezin dut ukatu esaten duzun guztia egia dela. 2- Hizkuntza politikak eraginkorra, eraldaltzailea izateko, arazo nagusiari heldu behar diola... garbi. Hori lan mundua den... edo lan munduari heldu baino lehen aurrelan batzuk egin behar diren... Pentsatzen dut nagusiki ados gaudela. 3- Ados egonda ere, egiten duzun diagnostikoaren aurkezpena oso ezkorra iruditzen zait, "apaga-y-vamos" bat. Dugun egoera "defizitario" hori ez da monolitikoa, pitzadurak ditu (txikiak, meheak, baina baditu). Korrontearen kontra doazen batzuk badaude..., bide paralelo batzuetatik doazenak ere bai. "Irudika dezagun hizkuntza planifikazioan asmatu egiten dugula eta enpresek, dituzten lanpostuetarako euskara ezinbestez(*) eskatzen hasten direla..." Paragrafo horrekin hasiko nuke nik artikulua eta tonua koordenada horietara egokitu. Eta horrek zuk deskribatutako egungo egoera nola eraldatuko lukeen azalduko nuke ondoren. (*) Badago alderik "derrigorrez" eta "ezinbestez" formen artean ala nik neuk asmatu egin dut? Lehengoan, norbaitek, zerbaitek derrigortzen du. Bigarrenean, aldiz, bestela jokatzeko aukerarik ez dago... Diruaz: 4- Dirua izan bada sektore ekonomikoaren gakoa. Baina ez motorra, motorra martxan jartzen duena, azkartu, moteldu egiten duena baizik. Dirua da helburu eta zio nagusia. Eta, bihotzik ez duenez, botere ekonomikoa edozer egiteko, edozer prezio oraintzeko eta ordainarazteko prest egoten da gero eta gehiago lortzeko. Eta horixe bera da, aldi berean, botere ekonomikoak dituen indargune eta ahulgune nagusia. Eliteez: 5- Eliteen erresistentziak hor daude. Baina eliteak beti daude arriskuan, eta etengabe beren burua birkokatu, birdefinitu behar izaten dute elite izaten jarraitu ahal izateko. Hizkuntzaren gaineko presioak ez dira eta ez dira izango aurre egin behar dieten bakarrak. Zeintzuk dira eliteak, egun, aurre egiten dien arriskuak eta onartu dituen erronkak? 6- Uste dut EHko elite ekonomikoan eta ideologikoan badaudela euskaldunak (bertakoak, euskal hiztunak, euskal zaleak). Zer paper jokatzen dute, zer pisu dute egungo botere hegemonia ez-egonkor eta hauskor horretan? 7- Eliteengan eta botere korrelazioan badago gakoa, zer da egin beharrekoa: elitea eraldatzera, egokitzera (euskaldun jokatzera) behartu ala elite berria eratu? Bietarako aukerak al daude? Galdera gehiago iruzkinak baino... Berriz eskertu nahi dizut nirekin gogoratu izana; eta, orain, nire burutazioak eta hausnarketatxoak irakurtzeagatik ere eskerrik asko. Laster arte, Patxi. (NORA PALMITANO ROSSI Zestoako Udalaren Euskara Zerbitzuko arduradun teknikoa da) Lan-munduak du hizkuntza-boterea: alferrik gabiltza hezkuntzan bakarrik indarrak ipintzen 2015-06-18 / 15:57 / Edurne Bilbao Maiza (IMH) Orain irakurri dut zuk bidalitakoa. Zein arrazoi duzun! Hain zuzen aste honetan bertan Nerea Azurmendik (DV) deitu zidan lanbide heziketa eta lan munduaren iritzi bila eta zuk hemen idatzitakoak aipatu nizkion, pizgarriak behar ditugula lan munduan euskara erabiltzeko eta alferrik gabiltzala alde batetan (hezkuntzan) bakarrik indarrak ipintzen, lan mundua baita boterea duena eta bertan ere eragin beharra dagoela. Zein ondo idatzi duzun! ! Ez etsi, Patxi, zuk bezalakoak behar ditugu! (EDURNE BILBAO MAIZA Elgoibarko IMH - Makina Erremintaren Institutuko hizkuntza koordinatzailea eta komunikazio arduraduna da) Elefanteak non diren 2015-06-22 / 17:38 / Pello Salaburu Patxi Saezek elkarrizketa piztu nahi du. Euskararekin aurrera egin dugu, baina euskaldun berri anitzek ezin gaindituzko oztopo baten kontra egiten dute, lanera joan bezain laster: “euskarak lanerako hizkuntza gisa duen balioa hutsaren parekoa da”. Euskararekin aitzinat egin nahi badugu ezinbertzez irabazi behar dugu lan mundua. Inoiz baino hobeki prestatuago eta euskaldunago ditugun gazteen aukera guztiak hankaz goiti gelditzen baitira lanean hasi bezain laster: “Horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia”. Horixe da denek ikusi behar dugun elefantea, ez gaitezen zorrien artean gal, garrantzi handiago duten alimaleko animaliak ikusi gabe. Eta nola konpon daiteke egoera hori? Bada, “sektore ekonomiko guztien motorra, hemen eta munduko beste edozein bazterretan, dirua dela” onartzen badugu, konponketak hortik jo behar luke. Euskararen erabilera bultzatzeko diru-pizgarriak eman behar zaizkie enpresei. Esaldi horietan saiatu naiz biltzen, ez dakit zuzen, Patxik egiten duen proposamena. Eta proposamen horren gaineko iritzia eskatzen du. Kostatu zait erantzunaren nondik norakoa bideratzea. Arrazoi bategatik: euskara kontuetan ari garenok badirudi denetarik jakin behar dugula, aski da euskara jartzea goian, eta orduan gai gara, antza denez, horren azpian dagoen edozer konturi buruz hitz egiteko, eta hitz egiteko, gainera, interesa izan dezakeen zerbait erranez. Ez da, ordea, nire kasua. Arazo horrek, hau da, euskara eta lan munduaren arteko harremanen kontu horrek, kezkatzen nau, baina ez dut argi ikusten ba ote dudan nik deus horren gainean errateko. Batez ere, badelako jende anitz (Patxi bera, ikusten dudanez, eta gobernuko ardura dutenak, administrazioetan erantzukizuna dutenak, eta abar) kontu honi itzuli bat baino gehiago eman diotenak. Hortaz, nire iritzi hau “cum mica salis” hartu behar da, behar bezala funtsatu gabeko iritzi gisa, erran nahi dut. Ez dakit hori den euskarak duen elefantea. Ez da, bederen, bakarra, horretan seguru naiz. Hasteko, ez dakit gure animale handiena ere hori ote den. Bestetik, beti izan naiz pizgarrien aldekoago, gauzak bortxaz edo debekuen bidez betearaztearen aldeko baino. Hirugarrenik, ez dakit abiapuntua bera egokia den: gure gazteek badute lanik? Anitzek ez. Anitzek ez dakite zer den hori. Eta lana dutenek, maiz, lan bat baino gehiago dute edo lanez aldatzen ibiltzen dira, orain hau eta gero bertzea. Hori ere kontuan izan behar da. Gazteen egoera ez da homogeneoa alde horretatik. Proposatzen den bideak, diru-pizgarrien emateak, zerbait arinduko luke kontua, nahiz ez dakidan zenbateraino. Eguneko 24 orduak hirutan banatzen ditugu, omen: 8 lanean (lana dutenen kasuan, jakina), 8 familian edo lagun artean, eta bertze 8 lo egiten ematen ditugu. Lo gaudelarik ezer guti egin daitekeenez, bertze hamasei orduak hartu beharko dira kontuan: nire ustez, elefante handiaren itzala kezkagarriagoa ikusten dut familian eta lagunarteko zortzi ordu horietan, laneko bertze zortzietan baino. Lan batzuetan, administrazio lanetan (eta gure kasuan ez da hori guti inondik ere) adibidez, nahiz ez den arlo bakarra, badira dagoeneko pizgarriak euskara ibiltzeko. Unibertsitatean ere puntuazio gehiago ematen barneko balorazioetan lana euskaraz egiten bada, eta ikasketak euskaraz egin dituenak ere agiri bat eskuratzen du, gero lana aurkitzeko balioko dionak. Zehatz dezadan hau: laguntza horiek ez dute berez eta oroz gain langilearen euskararen erabilera saritzen, baizik langile edo ikasle horrek duen euskararen ezagutza formala (ezagutza horren neurtzea zuzen egiten den edo ez bertze eztabaida bat da). Ez dute segurtatzen euskara jakinik ere benetan hizkuntza hori ibiliko dutela eguneroko jardunean, inguruneko egoera bera aldekoa izanik ere. Lan batzuetan (irakaskuntzan milaka dira) euskaraz ez badakizu ez duzu lanik izanen. Hori baino diru-pizgarri handiagorik nekez aurkitzen ahal da. Hala ere, horrek ez du segurtatzen batere euskarari esker lanpostua eskuratzen duten horiek guziek euskaraz eginen dutenik. Eguneroko lan jardueratik ateraz gero, eta lanean ere maizkara, anitzek ez baitute euskara ibiltzen eta erdarara jotzen baitute berehala. Horrekin oroitarazi nahi dut non duen euskarak elefante handiena. Ez dut gutxietsiko, ez eta ametsetan ere, lan munduaren eta lan orduen garrantzia. Ez dut gutxietsiko Patxiren proposamena. Gainera, hartara, uste dut lan batzuetan egokia litzatekeela diru-pizgarri horien kontua ikertu eta bultzatzea. Hau ongi egin behar litzateke, zuzen aztertuz zein izan daitezkeen arlo egokienak, nola egin behar litzatekeen hori, zeri eman lehentasuna, eta abar. Hori elefante kozkorra da, handia, ikaragarria, nahi bada. Baina ttipia bertzearen ondoan. Niretako aise kezkagarriagoa da bertze hau: zergatik anitz jendek, euskara jakinik, nahiago dute sistematikoki erdara ibili? Zergatik ikusten ditugu bikote anitz erdaraz haien artean, euskaraz hasteko umearekin zerbait erraten dioten bezain laster? Zergatik euskaldun garbi batzuek erdara nahiago dute ibili eguneroko jardueran? Zergatik batzuek, euskaraz ari direla, hizkuntzarekin ñabardura bat egin nahi badute, eta ideia bat indarrez azpimarratu, zergatik, diot, jotzen dute erdarara? Zergatik botatzen da erramolde bat, txiste bat, iruzkin bitxi bat erdaraz, euskaraz eman beharrean? Berriki egin dira berriz ere unibertsitatean sartzeko probak. Ikasle gehienek proba horiek euskaraz egitea erabaki dute, beren borondatez. Bi herenak egin du aurten euskaraz. Hori izugarria da, ez genuen holakorik amestuko... orain dela hamar urte. Nik neronek, orduan eskribitu liburu batean, holako zerbait gertatuko zela nioen, garai hartako datuak kontuan harturik estatistikek hori aitzinatzen zutelako. Baina barnean ez nuen sobera sinesten hori azkenean hala gertatuko zenik. Zernahi gisaz ez nuen uste, inondik ere, aurten ikusi kopuruetan gertatuko zenik. Baina, zoritxarrez beti badira “bainak”, ikasle horien artean gehienak (ez naiz oroitzen salbuespenik entzun nuen, ez dut bat bakarrik ere gogoan) erdaraz ari ziren. Ez hori bakarrik. Irakasle euskaldun boluntarioak eskatzen dira epaimahaietan parte hartzeko. Badakite euskaraz egiteko lana dela, eta borondatezkoa gainera. Bada, horien artean ere ez ziren guti, aitzineko urteetan baino gehiago eta dismulu gutiagorekin, erdaraz ari zirenak. Haien erdal hizkera entzuten zuten gainerako irakasleak ez ziren, gainera, sobera kezkatzen, eta prest ziren euskaratik erdarara pasatzeko. Nik ez dut dudarik hori dela kezkarik handiena sortzen didan elefantea. Euskaraz dakitenek, inguruko egoera euskalduna izanik, euskaraz egiten ez badute, nork eginen du? Nola nahi dugu ikasleek euskaraz egitea irakasleak ere erdaraz ikusten badituzte eskolatik kanpo? Kasu horietan nori eman beharko genioke diru-pizgarririk? Gai honetaz jardun nuen hemen berean orain dela hilabete batzuk, uste dut iaz izan zen. Baten batek erantzun zidan: egoera soziolinguistikoak bultzatzen du jendea, euskaraz jakinik ere, erdaraz egitera. Nik ez dut uste hala den inondik ere. Zeren egoera larriagoa baita: ez dira gutxi etxean euskara ikasirik eta euskaraz eginik, ikastolan edo D ereduan erdaraz hasi eta elkarren artean erdaraz egiten dutenak, ikaskideak euskaldunak badira ere. Horrek guztiak kezkatzen nau. Har dezagun kontuan, gainera, beste zerbait ere: batzuek pentsatzen dute hizkuntzak bulego batean aldatzen direla. Hola, askiko litzateke, haien ustez, aditza erraztea (sobran ditugun adizkiak kentzea) eta hizkuntza “erraztea” (ergatiboa kenduz, konparazione), jende guztia lasterka hasteko bulegoan aldatutako hizkuntza erraztua ibiltzen egun horretatik aitzinat. Horrek ez du ez bururik ez hankarik, hizkuntzak ez dira hola aldatzen. Hizkuntzak hiztunek aldatzen dituzte, ez bulegoek. Ez da munduan adibide bat ere aurkituko kontrakoa erakusten duenik. Eta erabilerarekin ere berdintsu gertatzen da: erabilerak diseina daitezke, eta presioia egin jendeak hizkuntza hau edo bertzea ibil dezan, baina hiztunaren borondatea ez da hola –ez hola bakarrik-, aldatzen, diktadura batean ez bada. Diktadura batean, bai: aski da hizkuntza baten erabilera debekatzea, hemen ere leku anitzetan egin den gisan. Baina demokrazia batean hiztunarena da azken erabakia. Hori dela eta, kontuan har dezagun bertze gauza bat ere, maizkara atzentzen duguna: euskaldun batzuek uste dute berek ibiltzen duten hizkuntza dela munduan hiztunen aldetik maitasuna har dezakeen bakarra. Baina hori ez da hola. Euskaldunberri anitz dago gure artean, eta D ereduetan ume anitzek ikasten dute euskara bigarren hizkuntza gisan. Zer pentsatzen dugu? Erdaldunek gorroto diotela etxean ikasi hizkuntzari? Ez, haiek ere maite dute beren hizkuntza, nola guk gurea maite baitugu. Uste dut euskararen erabilerarekin aitzinat joateko hemendik joan beharko genukeela. Hori prestigioarekin lotua da, jakina. Ez da inor ere ohartu nola badiren, adibidez, “agur” edo “egun on” errateko gai ez diren zerbitzari batzuk, baina ingeles bat esertzen den bezain laster, ingelesez ideiarik izan gabe, bortxaka hasten diren gauzen azaltzen, bertzeak “hori zer da” galdetzen badu? Euskarak ere behar du bere tornua, hala nahi dugu euskaldunok, eta beti aldarrikatu dugu hori: lehenbiziko liburua euskaraz argitaratu zenetik gutienez. Baina tornua hiztunen borondateak bakarrik emanen dio. Badut uste oraindik ere euskara sobera aldiz lotzen den arazoekin, kezkekin, erreibindikazioekin, gure herria ikusteko modu batekin, tristurarekin eta kexuekin. Egin saio bat: ikusi “erabili” honetan jendeak egunero ateratzen dituen berriak. Ikusi horietarik zenbat diren baikorrak eta zenbatek duten ezezko mezua. Badakit erantzuna erraza dela: ez du batek berdin hitz egiten gaixo bati buruz edo kirolari bati buruz, ezinbertzez mezua desberdina izanen da. Euskara osasuntsu ez izanik, pentsatzekoa da euskararekin lotu mezuak ere ez direla hain baikorrak izanen. Baina horrek ez du batere erakargarri egiten gure hizkuntza. Hori guztia beharrezkoa da, ez dut nik zalantzarik, gure hizkuntzak duen egoera ikusirik. Baina beldur naiz horrek ez ote duen asetzen gehiago garai bateko euskaldun militantea gure belaunaldi berriak osatzen dituzten euskaldun gazteen gogo eta nahiak baino. Euskara hola janzten dugun bitartean ez dugu erakargarri egiten, eta belaunaldi berriek nekez aurkituko dituzte arrazoiak erakargarria ikusten ez duten zerbait maitatu eta bere egiteko. Azken berrogei urte honetan aldaketa handiak gertatu dira hizkuntzaren pertzepzioarekin. Diru pizgarririk enpresetan? Beharbada bai, nahiz gure burua aski irristakorra den zerbaitean sartzeko arriskua ikusten dudan. Aukeran, ahaleginak bertze nonbait jarriko nituzke: zergatik ez du euskaraz dakienak euskaraz egiten, inork ere trabarik jartzen ez badio? Ingurunea dela errateak, egoera soziolinguistikoa dela errateak, ez du deus konpontzen, ingurune hori ezin baita bortxaz aldatu. Zerbait sakonagoa da, zerbait pertsonalagoa. Ez, lan munduak ez ditu “Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak” zapuzten edo, zapuzten dituela onartuz gero ere, ez da eragile bakarra, eta ez garrantzizkoena. Aise sakonagoa den zerbaiten aitzinean gaude, eta hori hartu behar genuke kontuan. Euskarak aitzinat egiteko dirua behar da, legeak behar dira, baina, oroz gain, hiztunaren borondatea behar da. jakin nahi nuke zerk eragiten dien batzuei erdara ibiltzera, euskara ere erdara bezain eskura baldin badute. (PELLO SALABURU ETXEBERRIA hizkuntzalaria, euskaltzaina eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskara Institutuko zuzendaria da) Begirada eta itaun berria Iñaki Marko Juanikorena Elefantea jarri digu Patxi Saez-ek begi aurrean, bere tamainarengatik begi-bistakoa dena, baina agian orain arte inor gutxik hain modu gordinean izendatu ez duenez, bere neurrian hain garbi ikusi ez duguna. Patxiren esanetan, gaur egun euskararen "elefantea" edo problema nagusia sektore ekonomikoan dago; eskolak euskaldundu duena lan munduak erdalduntzen duelako; euskara, eskolan ez bezala, lantokian nagusi ez izateak gizartearentzat bigarren mailako hizkuntza bihurtzen duelako; eta Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako dirua eta egindako ahaleginak zapuztu egiten dituelako. Eta horren aurrean, ausardiaz jokatzea eta lan-mundua hizkuntza politikari buruzko erabakien erdigunean jartzea proposatzen digu. Berak bere artikuluan horrela jokatzen du eta proposamen ausarta luzatzen du. Azken hamarkadetan urrats garrantzitsuak eman dira, bereziki EAEn, arlo sozioekonomikoan edota lan-munduan euskararen normalkuntzan aurrera egiteko (1). Administrazioen euskara politika eta planetan berezko lan-ildo gisa lekua hartu du esparru honek, enpresetako euskara planak abiatu eta garatu dira, aurrekontuetan laguntza lerroak ireki dira, esku-hartzearen inguruko ikerketa egin da eta ezagutza aplikatuan aurreratu da, ziurtagiri espezifikoak sortu dira, … Baina, nahikoa al da? Datuek panorama gordina erakusten dute, eta agian, Patxi Saez-ekin batera, etorkizunari begirako aldaketa kualitatibo batean pentsatzen hasi beharra dago. Zein da lan-munduaren esparruari egungo hizkuntza politika ofizialaren dokumentuetan ematen zaion lekua? Euskara XXI (2) dokumentuan ez da esparru sozioekonomikoa aipatzen, ez bada ondorengo balorazioa egiteko: «Abiapuntua ez dugu aldekoa: euskarak ez du sekula izango beste hizkuntza batzuek duten barne indarra hainbat alorretan (aisialdia, lana, posizio soziala…); gurean, bizi-indar afektiboa da balio nagusia, eta balio horretaz jabetzeko gakoa, borondatea eta barne motibazioa dira ..» (36. or.). Mende hasierako hizkuntza politikarentzat finkatzen dituen lehentasunezko 14 ildoen artean ere ez da lan-mundua aipatzen. ESEP (3) eta Euskararen Agenda Estrategikoa (4) dokumentuetan, berriz, bai, arlo sozioekonomikoa agertzen da lan-ildo espezifiko moduan edota jorratu beharreko ekintzen artean. ESEPek hamasei ildo nagusi zehazten zituen euskararen jabekuntza, erabilera eta elikadura hiru atal nagusiren baitan, eta espezifikoki izendatzen zuen “arlo sozioekonomikoa”ren ildoa euskararen erabileraren atalaren barruan. Beste egitura batekin, Agenda Estrategikoak hamahiru lan-ildo nagusi zehazten ditu, baina arlo sozioekonomikoa ez dago horien artean, bai ordean bigarren mailan, ekintzen artean. Esparru sozioekonomikoarekin zer ikusia duten ekintzak hainbat ildotan agertzen dira, 3.9 "hizkuntza eskubideak" ildoan, 3.10 "erakarmena eta prestigioa" ildoan, eta, berezki, 3.1 "ezagutza eta erabilera"ri buruzko ildoaren 3.1.1 “erabileraren arloa”n. Agenda Estrategikoaren eduki nagusiak azaltzerakoan, horrela dio dokumentuak: «Erabilerari dagokionez, eta euskara bizia lortzeko helburuarekin, aisialdia, kirola, kultura eta bereziki gazte munduko komunikazioa hartu behar dugu kontuan, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzeko ekimen planifikatua eta hedabideen funtsezko zeregina inola ere ahaztu gabe» (21. or.). Aurrerago, "ezagutza eta erabilera"ri buruzko ildoaren sarreran, horrela azaltzen du Agenda Estrategikoaren dokumentuak arlo sozioekonomikoari buruz duen ikuspegia: «Esan dugun moduan, arlo sozioekonomikoa ere euskararen erabilera sustatzeko esparru garrantzitsua da. Izan ere, euskararen erabilerari bultzada bat eman nahi badiogu, euskarak enpresa-munduan presentzia handiagoa lortu behar du, hizkuntza erabilgarria dela ikusarazi behar da, lan-hizkuntza izan daitekeela frogatu. Horretarako, datozen urteetan enpresetako Erabilera Planak sustatzen jarraituko dugu, gainerako herri-administrazioekin elkarlanean, EBPN eta ESEP planen garapenaren baitan. Era berean, arlo sozioekonomikoko eragile nagusiekin (enpresari elkarte, langileen sindikatu eta abarrekin) enpresa munduan euskarak presentzia eta erabilera handitzeko bideak landuko ditugu: akordioak, hizkuntza-irizpideak… Orobat, merkataritzaren arloan herritarren hizkuntza eskubideak gauzatzeko araudia egokitzen eta garatzen jarraituko dugu» (46. or.). Hori horrela, dokumentu honek arlo sozioekonomikoan jarduteko finkatzen dituen ekintzak honako hauek dira: 3.1.2 Erabileraren arloan: * Lan munduan euskararen erabilera sustatzea. * Hezkuntza esparruaren eta lan-munduarekiko zubiak eraikitzea, euskarazko praktikak areagotuz eta lankidetza proiektuak bultzatuz. * Enpresetan euskararen erabilera planen ezarpena bultzatzea, LanHitz egitasmoa garatuz. * Enpresen euskara planetara bideratzen diren diru-laguntzen inguruko herri-aginteen koordinazioa indartu eta hobetzea. * Arlo sozioekonomikoarentzako diru-laguntza lerroetan hizkuntza irizpideak txertatzea. * Lan eta enpresa munduko eragileen arteko elkarlana sustatzea. * Ekintzaileei zuzendutako diru-laguntzetan eta programetan hizkuntza irizpideak txertatzea. * Lanbide heziketako eta unibertsitateko ikasleek lan-mundura hurbiltzean egin ohi dituzten praktikak euskaraz ere egiteko aukera izan dezaten bultzatzea. * Bizialdi osoko ikaskuntzaren lege-esparruan langabetuentzat eskainiko den prestakuntza euskaraz ere jasotzeko aukera bermatzea. 3.9 Hizkuntza eskubideak ildoan: * Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak babestea. * Gizarte arlo ezberdinetan (kulturgintza, arlo sozioekonomikoa…) euskara erabiltzeko aukerak sustatzea. 3.10 Erakarmena eta prestigioa ildoan: * Gizarte bizitzaren alor guztietan, bereziki lan-munduan, kirolean, kulturan eta komunikazioan euskararen erabileraren prestigioa indartzea. * BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria garatzen jarraitzea, hizkuntza kudea- ketak kalitate prozesuarekin duen lotura gizarteratuz. * Sustapen eta komunikazio ekintzak lantzea (kanpainak, esku-orriak, bisitak, hitzaldiak) hizkuntza kudeaketa egoki batek dakartzan onurak nabarmentzeko eta euskara kalitatearekin, lehiakortasunarekin eta ongizatearekin identifikatzeko. Ikus daiteke, beraz, esparru sozioekonomikoak baduela lekua hizkuntza politika ofizialean, baina aldi berean Ikus daiteke ez dela nabarmentzen definitutako lehentasunen artean. Aldiz, Patxi Saez-ek bere artikuluan baieztapen sendoa egiten du. Bere esanetan, beste arloetan egindako ahaleginak zapuztu egiten ditu lan-munduak, eta zentzu horretan, arlo sozioekonomikoa da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia. Asko dira, noski, arazoak, eta gehiago oraindik landu beharreko arloak; baina ziur aski orain arte ez du inork lan-mundua problema nagusi gisa aldarrikatu. Eta agian badu bere logika, kontuan hartzen badugu lan-mundua eta sozioekonomia gizartearen erdigunean kokatzen direla eta berau egituratzeko faktore baldintzatzaileak ere badirela. Zentzu horretan, euskarak euskal gizarteko esparru sozioekonomikoan hegemonia maila bat eskuratuko balu, ez al luke horrek eragin biderkatzailea eta positiboa izango beste arlo guztietan? Eta hori horrela bada, ezin al da agian planteatu, edota gutxienez hausnartu, pasatako hamarkadetan eskola hizkuntza normalkuntzarako politika eta ekinbidearen esparru zentrala izan den bezalaxe, datozen hamarkadetan lan-mundua izan daitekeela erdigune eta zentralidade hori hartu beharko lukeen esparru nagusia? Pentsa al daiteke horretaz? Bide horretan erabaki dezente hartu beharko lirateke eta ekinbide asko jorratu. Patxi Saez-ek proposamena egin eta bat azpimarratu du, bere esanetan agintari politikoek enpresari diru-pizgarriek emateko erabakia hartu beharko lukete, diru gehiago irabazteko aukeraren aurrean bakarrik mugituko direlakoan enpresen botere egituretatik euskarari sarbidea ematera. Hori horrela denik eztabaidagarria da, baina bestalde, diru-laguntzak eman eta inbertsioak egin behar direla begi-bistakoa da. Zein neurritan ordea? Dena den, laguntzarako inbertsioak ez du zergatik izan behar soilik euskara izenburua daramana, sozioekonomiaren arloan sustapenerako diru-laguntza asko ematen dira, eta ulertu beharko genuke erdaraz funtzionatzen duten egiturak indartzeko emandako diru-laguntzak azkenean erdararen aldeko laguntza dela (zentzu horretan, horrela identifikatzen ez diren baina de fakto erdararen aldeko diskriminazio neurri positiboak kontsidera daitezke horiek guztiak). Beraz, administrazioetatik laguntza publikoak jasotzen dituzten erakundeei eska dakieke hizkuntza alorreko konpromisoak hartzea beren gizarte erantzukizunean, euskara planak garatzea edota ziurtagiriak eskuratzea, eta berdin kontratu publikoak bereganatu nahi dituztenei. Badirudi zentzu horretan doazela biziki interesgarri diren Agenda Estrategikoan jasotako ekintzetako bi, arlo sozioekonomikoarentzako diru-laguntza lerroetan, eta ekintzaileei zuzendutako diru-laguntzetan eta programetan hizkuntza irizpideak txertatzea planteatzen baitute. Begi-bistakoa da era honetako planteamenduek eduki dezaketen indar biderkatzailea. Ikerketa ere aipatzen du Patxi Saez-ek, eta horretan bat gatoz erabat. Benjamin Tejerinak artikulu batean (5) dioen moduan, gutxi dira hizkuntza-identitatea-merkatua edota hizkuntza eta ekonomiaren inguruan Euskal Herrian egin diren ikerketa sistematikoak. Eta horren beharra dago, asko baitira mahai gainean jar daitezkeen galderak, hala nola: zein da euskararen arloko esku-hartzeen eta euskarazko produkzioaren inpaktu eta balio ekonomikoa Euskal Herriko garapen ekonomikoaren baitan? Zein da esparru honen potentzial ekonomikoa etorkizunean? Izan al daiteke euskara tokiko kalitatearen identitate eta "marka" gisa euskal enpresak nazioartekotzen lagunduko duen elementu adierazgarria? Izan al daiteke euskara bertakotasunaren adierazgarri gisa kalitatezko turismoa sustatzen lagunduko duen elementua? Erabileraz bakarrik hitz egin beharrean, has al gaitezke lan eta merkatu kontestu jakinetan euskararen erabilera-balioaz hitz egiten eta aztertzen? … Amaitzeko, Patxi Saez-ek begirada eta itaun berria jarri du gaiaren inguruan, agian enfoke ezberdin bat, lan-mundua euskalduntzeko eragitearen planteamendutik, euskalduntzeko lan-munduan eragitearen planteamendura eramaten gaituena. Eta horretaz, gutxienez, hausnartzeak mereziko luke. Zeren eta, berak dioen moduan, nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean? (IÑAKI MARKO JUANIKORENA Hobekuntza eta Berrikuntza Dekanordea Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean) Oin-oharrak: (1) Euskararen Aholku Batzordea (2005). Esparru sozioekonomikoan euskara biziberritu eta hizkuntza-normalizaziorako hurbilpen sistematikoagoa eta eraginkorragoa izateko irizpideak eta estrategiak. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua. (2) Euskararen Aholku Batzordea (2009). XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak. Itun Berritu Baterantz. Gogoeta irekiaren ondorengo txostena. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua. (3) Euskararen Aholku Batzordea (2012). ESEP. Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua. (4) Eusko Jaurlaritza (2014). Euskararen Agenda Estrategikoa 2013-2016. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua. (5) Tejerina, B. (2005). Lengua y economía. Mercado de intercambios sinbólicos y consumo de productos lingüísticos en euskara. Noves SL. Revista de Sociolingüística. Hivern 2005. Elefantea mugituko duen palankaren bila Belen Uranga Iruzkin honek duen muga kontuan hartuta, aipa litezkeen hainbat gaietatik aukera bat egin behar izan dut, halabeharrez. Hala, soilik, bi gai hartuko ditut aintzakotzat; artikuluaren zentralitatea hartzen duen “elefantea”, alegia, euskarak lan-munduan duen presentzia edo ausentzia, eta gaia kokatzeko aipatzen den gaur egungo euskaldunen profil berria. Lehen gaia “elefante” bezala aurkezteak, aitortzen dut, deserosotasun bat sortu dit. Ez naiz ni, sententzia finkoegien zale, eta aurrera dezadan abiapuntutik bertatik, ez dudala inolaz ere, terminoak biltzen duen lan-esparruko euskararen presentzia, erabilera eta hitz batean, betetzen dituen funtzioen eskasia gutxietsiko. Alabaina, abiapuntuko artikuluan planteatzen den “gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia” izan bainoago problema nagusienetakoa delakoan nago. Izan ere, nahiago dut hizkuntzaren/hizkuntzen bilakaera prozesua ikuspegi ekosistemikotik aztertzea, lagungarri izan ohi baita, hizkuntza horren iraunkortasuna (euskararen iraunkortasuna, alegia, terminoaren zentzu zabalenean hartuta) azaltzeko eta bermatzeko. Hizkuntzak ekosistema osasuntsua behar du; hiztun komunitate osasuntsua, funtzio aniztunak dituena eta horiek elkar eraginez hurrengo belaunaldiei erabilera erraztuan eskainiko diena. Izan ere, hizkuntzaren iraunkortasuna horretan datza, hurrengo belaunaldiei gaurko euskaldunek egingo dieten transmisioan. Eta ekosistema horretan, lan-munduan euskaralk duen funtzioaren garrantzia gutxietsi gabe besteekin harremanetan aztertzea egokiagoa delakoan nago. Nor gara, ordea, gaur egungo euskaldunak?. Artikuluan bertan aipatzen denez, gaurko euskaldunen tipologia erabat aldatu da, euskal hiztun berrien pisu demografikoa eta ezaugarri soziolinguistikoak irauli egin baitira. Honakoa da, beraz, iruzkin honetan ukituko dugun bigarren gaia, esparru hori baita, artikuluan dionez, euskararen etorkizunarentzat lehentasunezko erronka, eta honetatik hasita, gainera. 1. EAEn 30 urtetik beherako gazte euskaldunen artean ia sei euskaldun berriak dira. Hurrengo belaunaldian ere bigarren hizkuntza ala lehen hizkuntza izango dute? Euskararen transmisioan parte hartu eta hartuko dutenen artean, merezi du hiztun berriengan arreta jartzea, nire iritziz, hor egon dagoelako –lehen hizkuntza euskara duten berraktibazioarekin batera- ondo asmatu edo egin beharreko hausnarketa, lanketa eta eragin-esparrua. Horrela dio abiapuntuko artikuluak: “EAEn, 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (%58) euskaldun berriak dira, alegia, bigarren hizkuntza euskara dute. Eta bidegurutze horretan gaude: erabaki egin behar dugu euskara ama-hizkuntza bezala iraun dezala nahi dugun ala ez. Beste aukera bat da euskara belaunalditik belaunaldira bigarren hizkuntza bezala iragan dadila.” Ez dakit ez ote dugun planteamendua beste termino batzuetan egin beharko. Alegia, esan daiteke euskal hiztun sektore handi batek, batez ere Euskal Autonomi Erkidegoan euskararen transmisioa lehen hizkuntza bezala bermatu duela, guraso euskaldunen kasuetan (%90etik gora V. Inkesta Soziologikoaren arabera) eta neurri ez baztergarrian gurasoetako bat erdalduna den kasuetan (Nafarroan eta Ipar aldean kontuak beste modu batean doaz, jakina). Ez da ahaztekoa, bestalde, duela 30 urte transmisio hori galtzen hasia zegoela. Beraz, pentsatzekoa da, gauzak asko okertzen ez badira behintzat, kasu horietan euskararen transmisioak lehen hizkuntza modura jarraituko duela. Gakoetako bat, ordea, aipatzen den bezala, euskara bigarren hizkuntza bezala ikasi dutenen arteko transmisioa da. Izan ere, gaur egun, euskaldunen artean orain arte ezagutu ez den proportzio banaketa irauli egin da, eta inork gutxik izan dezake ausardia gerta daitekeena iragartzeko. Eta ez nuke esango ziur, erabaki kolektibo baten ondorioz, modu batean edo bestean, gertatuko denik. Beraz, egokiagoa dirudi planteatzea, nola lor daitekeen euskara bigarren hizkuntza duten euskaldunen artean ahalik eta hiztun gehienek euskararen transmisioan parte izatea. Gai hori ulertzeko, hau da, bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza (ere) izatera pasa daitezkeen prozesuak ezagutzeko eta azaltzeko helburuarekin, hainbat ikerketa abian jarri dira azken urteotan, bai Euskal Herrian eta baita gure lurretatik harago ere (1). Ikerketa horiek lagun dezakete gerta litekeenaren berri aurreikusten edo komenigarri izan daitezkeen neurriak hartzen. Hemen aipatuko ditut Euskal Herrian burutzen ari diren bi ikerketa argigarri. Alde batetik, Esti Amorrortu eta bere taldeak (2) euskal hiztun berrien inguruan daramatena, eta oraindik azken emaitzak argitaratu gabe dauden arren, lehen emaitzetan hainbat ideia plazaratzen dituena. Eta bigarrena, ARRUE ikerketa (3), zeinak 12 eta 14 urteko ikasleen eskolako erabilera aztertzerakoan hainbat datu argigarri ematen dituen, besteak beste, nerabe euskaldun berrien inguruan. Tradiziozko euskaldunen tipologiaren araberako banaketa da aipatzen ari garena: euskaldun zaharrak (lehen hizkuntza euskara dutenak, etxe giroan ikasi dutenak, alegia) eta euskaldun berriak (bigarren hizkuntza modura ikasi dutenak, eskolan edo heldu aroan). Gai horren inguruan, Amorrortuk eta bestek euskara bigarren hizkuntza modura ikasi dutenen artean euskaldun legitimoa izatearen kontzeptua landu dute. Izan ere, euskararen erabilerarako, erabilera espontaneorako, nolabaiteko hizkuntza identitatea definitua izatea betebeharreko baldintzatzat jotzen da, baita euskaldun “legitimotzat” hartzeko euren burua ere. Ikerketa horretan, legitimotasuna aztertzeko, honela formulatzen da galdera “Zein dira eragile gakoak euskaraz egiten duen pertsona batek bere burua euskaldun, benetako euskaldun modura hautemateko?” Ikerketaren lehen datuen arabera honakoak dira euren burua euskaldun modura definitzen dituztenen ezaugarriak: * “Euskaraz hitz egiteko aukera handiak ohi dituzte. Euskara presente dute etengabe euren bizitza sozialean, batez ere familia inguruan eta lagun artean; eta horien artean askok euskaraz bizitzeko aukera dute. * Komunikazio-gaitasun handia dute, batez ere, ahozkoari eta esparru informalari dagokionean. Gainera, euskalkia erabiltzeko aukera ere badute.” * Gainera euskaldun modura definitzen diren euskaldun hiztun berriek horiek honelako ezaugarriak bete ohi dituzte, oro har: “Euskara erabiltzea, euskaraz pentsatzea, eta euskarari atxikimendu argia dion pertsona izatea” (Ortega et al. 2013,168). Jakina, hori guztia baldin eta betetzen bada “euskaldun legitimotzat” sentitzea lagungarri izango dela euskara lehen hizkuntza bezala transmititzeko orduan. Horra hor, beste hainbat ikerketek erakutsi eta erakutsi dutena alboratu gabe, azpimarra daitekeena: euskal hiztun berrien legitimotasuna eta erabilera naturala ingurune hurbilean eta sozialean duen presentziarekin lotura zuzena du; sareak behar dira, hurbilekoak eta distantzia ertainekoak. Eta horrez gain, garrantzizkoa da komunikazio-gaitasuna eta ahozko jardunaren kalitateari erreparatzea. Beraz, ezaugarri horiek betetzen ez diren artean, zaila dirudi, edo ausartegia agian, hiztun horien transmisioa erabatekoa izateko helburua planteatzea. Ziur asko, ezaugarri horiek lortzen diren heinean joango da hizkuntza-identitatea edota erabilera espontaneoa zabaltzen, eta, ondorioz, transmisioa sendotzen. Ikus ditzagun ondoren, osagarri modura, aipatu den Arrue ikerketaren hainbat emaitza. Iñaki Martinez de Lunak ikerketa horren harira egindako artikulutik ekarritako hainbat ideia jarriko ditugu hemen aurrekoarekin kontrastean (4). Martinez de Lunak beste ikerlari hainbatek egin duen modura (Paula Kasaresek edo Jone Miren Hernandezek, esate baterako) hizkuntzaren transmisioan baino gehiago sozializazioan jarri du azentua. Bere artikuluan planteatzen duen hipotesia honakoa da: haur nerabeen kasuan (12 eta 14 urteko ikasleen eskolako hizkuntzen erabileraren datuak aztertu ditu Arrue proiektuak) “Zenbat eta osatuagoa euskararen sozializazioa ikasleengan, hainbat eta handiagoa hizkuntza horren erabilera”. Sozializazioaren prozesuan, bere esanetan, hizkuntzaren alderdi kognitiboa, identifikazioarena eta afektiboa uztartzen dira, eta hiru motatako sozializazioak bereizten ditu: lehen sozializazioa (haurtzaroa gertatzen dena: familia, haurtzaindegia eta eskolan burutzen da); bigarren sozializazioa familiaz aparte burutzen dena, eta hezkuntza sisteman, lagun artean eta komunikabideen bitartez bereziki (nerabezaroan). Hirugarren sozializazioa transkulturazioan datza, alegia “pertsona sortua eta hezia den gizartearen oso bestelako gizarte edo erreferentzia sistemetan murgiltzean datza (etorkinek, esate baterako)” (Martinez de Luna 2013, 123). Eta jarraitzen du: “Hizkuntzaren osagai eta ezaugarri horien elkar eragitetik hiztun bakar eta errepika ezina sortzen da: euskaldun jakin bat […]. Gaia da, gaur egungo euskaldun tipologia berriaren arabera, nerabeen gehiengo zabal baten hizkuntza-identifikazioa euskaraz ez beste hizkuntza batekin dela, nahiz eta D eredukoentzat zifrak kolektibo horren erdira jaisten diren. Baldintza horietan, asko dira euskararekiko identifikazio funtziotan ongi sozializatuak izatetik lekutan egongo diren ikasleak.” (Ibidem, 124). Nire ustez, gakoetako bat hor dago. Nola lortu hiztun berriek euskara identifikazio-hizkuntza (ere, gutxienez) izan dezaten. Gaur egungo gizarte aniztunean akaso hizkuntza identitate bakarreko lagunak egon dauden eta egongo diren arren, hizkuntza-identitate aniztunak ziurtatzean. Eta horretarako, Martinez de Lunak iradokitzen duen bezala, alderdi kognitiboa (zeinak komunikazio-gaitasuna egokiagoa ziurtatu beharko lukeen), identifikazioarena (lehen hizkuntzarekiko ez baztertzailea) eta afektiboa (hurbileko komunitatearekin bat egingo duena) indartuko duen. Nire irudiko, horiek osatzen dute, aurreko atalean esandakoekin konbinatuz, hiztun berrien artean euskararen erabilera naturala eta transmisioa sendotu dezaketen faktoreak. 2. Euskara lan munduan Horrela dio abiapuntuko artikuluak: “Euskaraz bizitzea baldin badugu azken helburua ezinbestean lantokiei erreparatu behar diegu… Euskaraz bizi nahi badugu lan mundua irabazi beharra dugu euskararentzat.” “Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak. Horixe dugu, gaur-gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe da, gaur-gaurkoz euskarak duen problema nagusia.” Aitortzekoa da neurri batean, artikuluak dioen modura, “XXI mendearen hasiera honetan euskarak lanerako hizkuntza gisa duen balioa hutsaren parekoa dela”. Neurri batean diot, aitortzekoa delako aldi berean, hainbat esparrutan, bereziki herri administrazioaren esparruan hartu diren hainbat erabakik eragin nabarmena izan dutela bai gizartean bere osotasunean euskarak duen presentzia handitzeko, erabilera sustatzeko, eta maila bateko ospea emateko (kontsulta daitezke horretarako Inkesta soziolinguistikoak). Era berean, esan daiteke, orain artean EAEko hezkuntza sisteman D ereduak izan duen populazioan onartze ia erabatekoa oso lotua dagoela, hain zuzen, esparru honetako lan-munduaren inguruan sortutako espektatiben tamainarekin (esan bezala, Nafarroan eta Iparraldean beste modu batera doaz gauzak). Esate baterako, erratzeko beldur handirik gabe esan daiteke, administrazio publikoan ezarritako neurrien eragina, berak betetzen duen espaziotik harago joan dela. Hau da, administrazio publikoko lan munduan integratzeko gizarte honek erakutsi duen nahia akuilu izan da haur eta gazteen euskalduntzean. Esate baterako, horrela diote Amorrortu eta Ortegak euren ikerketaren baitan: "Orokorrean euskarak berezko tresna-baliorik ez daukala uste da, euskaraz jakitea ez baita beharrezko antzematen lanean aritzeko edo eguneroko bizitzan konpontzeko, salbu eta eremu zehatzetan […] Baina euskararen balio instrumentala lehen baino handiagoa dela eta eremu batzuetan (hezkutan eta administrazio publikoa zehatz esanda) badagoelako pertzepzioa, euskara lana bilatzeko beharrezkoa baita edo gutxienez laguntze baitu. […] Seme-alabak hizkuntza-eredu elebidunetan (B eta batez ere D eredutan) eskolatzea erabakitzen duten guraso askoren arrazoi nagusia euskararen balio instrumentala da, eta, horietan askorena, baita bakarra ere) Amorrortu et al 2010, 122-123). Jakina, horrek ez luke, inolaz ere, lan-mundu pribatuan gertatzen dena estali behar. Are gehiago, pentsa daiteke garaia heldu dela esparru horretan pausu kualitatibo eta kuantitatibo sendoagoak ematen hasteko. Era berean, ezinbestekoa izan beharko du eragile guztiek euskara sustatzearen aldeko norabidean jartzea; adostasunez jokatzea. Akaso, artikuluan aipatzen diren administrazioak emaniko diru-pizgarriez gain, beharrezkoa izango da euskararen merkatu-balioa indartzea (hori gizarteak aitortu beharko lioke demandaren bitartez, adibidez), eta enpresen ardura soziala hedatzea (hori komunitateak demandatu beharko luke). Hirurak konbinatu beharko lirateke ziur asko. Ez dira gutxi, gainera, lan-giroko euskararen erabileran eragina duten aldagaiak aztertzen dituzten ikerketak (EraLAn proiektuak, esate baterako, identifikatzen ditu besteak beste, klima psikologikoa, motibazioa, konpromisoa, hizkuntza-gaitasuna, ohiturak edo lidergoa). Ez da ahaztu behar, ezta ere, euskara-planak diseinatzen eta aplikatzen hasi zirenetik pasa direla jada 10 urtetik gora, eta esparru horretan ere, irakaspenak baliatu beharrean gaudela. Beraz, badirudi gaia konplexua izanik, hobetzeko proposamenak konplexutasun horretatik planteatu beharko liratekeela. Eta ikuspegi horretatik, adostu beharko liratekeela helburuak, epeak, eta baliabideak. Eta zer esanik diru-baliabide publiko eta pribatuak. Zalantza handia dut adostasun hori lortzeko gaitasuna izango duen gizarteak helburua bada (artikuluan esaten den moduan) pizgarriak lortzeko bide izatea “goitik behera eta behetik gora, euskaraz funtzionatzea, lanpostu guztietarako euskararen eskakizuna derrigorrezkoa izatea”, nahiz eta gaur egun gaztelaniarekin horixe gertatzen den. Gaur egungo Euskal Herriko soziologiak hori ahalbidetuko duelako ustea ez ote den hori, ustea, iritzi diot. Eraginkorragoa dirudi, ordea, helburu zehatz eta lorgarriak planteatzea, eremu eta ezaugarri soziolinguistikoaren arabera banatuta eta gutxieneko konpromiso eta betebeharrak ezarrita. Zerk oztopatzen du (gai errazenak planteatuz), esate baterako, produktuetan euskararen presentzia ziurtatzea, enpresetako paisaian eta oinarrizko komunikaziotan euskararen presentzia ziurtatzea? Baliabide ekonomiko oso jasangarriak dirudite, baldin eta proiektu konpartitu batean kolokatzen badira eragile guztiak. Zerk oztopatzen du bezero euskaldunei, zerbitzu hobea izatearen mesedetan izateko bada soilik, arreta euskaraz eskaintzeko aukera lantzea? Horrek baliabide jasangarriak eskatuko lituzke, eta, ziur asko onura biderkatuak. Non kokatzen da enpresetako ardura soziala? Baina horrek erantzun zentzuzkoa eskatzen du. Zentzuzkoa, Herri Administrazioak finantzazioak errazten, pizgarriak eskaintzen, eta baita, konpromisoak eskatzen ere. Onurak errazten baina komunitatearengan konfiantza izaten. Eskola euskalduntzean izan zuen gizartearenganako konfiantza lan-munduan ere neurri irudikorrak asmatu beharra dago. Iruditzen zait badaudela datuak erakusten dutenak gizarteak lan-munduaren euskararen presentzia eta bizitza handiagoa izan dadin eskatzen ari dela. Lurralde batzuetan besteetan bainoago. Hor eskatu behar zaie ardura zehatza enpresei. Nolanahi ere, egia da hizkuntza planifikazioaren bitartez enpresek dituzten lanpostuetarako euskara derrigorrez eskatuko balute gizarte aldaketa erabatekoa ekarriko lukeela, artikuluan aipatzen den bezala. Baina, gaia, nire iritziz, alderantzizkoa da. Enpresek lanpostu guztietarako euskara eskatu aurretik gizartea bera aldatu beharko litzateke. Eta gai honetan, emandako pausu bakoitza seguruak izan behar du, ziurtatuz atzera bueltarik ez duela izango, eta horrek akaso zailtzen du neurriak nahi edo desiragarriak diren abiaduran ematea. (BELEN URANGA ARAKISTAIN gizarte hizkuntzalaria eta Soziolinguistika Klusterreko teknikaria da) Oin-oharrak: (1) New speakers proiektu europarra kasuko. (2) Estibaliz Amorrortu, Ane Ortega, Jacqueline Urla eta Jone Goirigolzarrik osaten dute Deustuko Unibertsitatean hiztun berrien inguruko ikerketa-taldea. (3) Ikus Martinez de Luna et al 2013: Ikasleak hiztun 2011ko Arrue proiektua. Ikerketaren emaitza. Adituen iritzi-azalpenak. Eusko Jaurlaritza. (4) Iñaki Martinez de Luna 2013. Bibliografia: Amorrortu E, A. Ortega 2010. “Euskararen balioak eta gazteen erabilera: heldu erdaldunen pertzepzioak”. BAT Soziolinguistika aldizkaria 77 2010 (4), 117-134. Eusko Jaurlaritza 2013. V. Inkesta Soziolinguistikoa. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz. Marko, J. I. (zuz), Lujanbio (koord) 2008. Eralan ikerketa-proiektua. EPEsA metodologia. Lan giroko hizkuntza erabileran eragiten duten aldagaietan oinarrituta. Soziolinguistika Klusterra. Martinez de Luna, I. 2013. “Euskara EAEko hezkuntza sisteman: irakurketa soziologikoa” in Ikasleak hiztun – 2011ko Arrue proiektua. Ikerketaren emaitza. Adituen azalpena. Eusko Jaurlaritza. Ortega O., E. Amorrortu, J. Goirigolzarri, J. Urla eta B.Uranga 2013: “Hiztun berrien hizkuntza-identitatea: “nolako euskalduna naiz?” BAT Soziolinguistika aldizkaria 87-88 2013(2-3), 151-170. Hizkuntza Politika eraginkorra behar da Euskarak euskal gizartean merezi duen tokia berreskura dezan Maria Jose Azurmendi Elefantea ikusi izeneko artikulua interesgarria iruditu zait, egiten duen azpimarratzeengatik, naiz eta askoren kezkari buruz mintzatzen den. Artikulu honi buruz adieraziko ditut, ondoren, nire iritziak. Sarrera modukoan esaten direnak erabiliz, azpimarratu nahi dut horixe dela gertatzen zaiguna, nire iritziz ere: nola jakin zergatik gabiltzan, oraindik, iritsi ezinik Euskararen normalizaziora?, problema txikietan galduta eta problema nagusian sartu gabe?, baietz esango nuke. Azken 50 urteko Euskararen Pizkundea aberatsa eta emankorra izan dela esaten da, hori adierazteko zenbait adibide emanez, eta horrela dela dirudi, euskal-soziolinguistikan aditu gehienen artean ere. Nire ustez, epealdi hau interesgarria da, bertan bi azpi-aldi bereizten badira: (1) 1960-1978, franquismo garaian bertan lehen azpi-aldia, gai izan ginenean legeak jarraitu gabe eta esaten zigutena jarraitu gabe ere, mundu ofiziala aldamenean utzita, neurri batean behintzat, ahal izan genuelako: ikastolak sortzea, Euskarari indar berezia ematea Euskara Batua proiektua sortuz, literatura berria sortuz (Txillardegi, Saizarbitoria, …), eta abar; (2) 1978-gaurdaino bestea, Autonomia epealdia deitzen dena, baina niretzat (eta beste batzuentzat ere) frankismoaren bigarren epealdia dena, eta gauza asko egin badira ere, artikuluan aipatzen direnak bezalakoak, hasierako ausardia gutxiagotuz joan zaigu, berriro ere bir-menperatutako bidea onartuz eta erabiliz, obedituz, eta abar; adibidez, egunean Hezkuntzan Wert lege berriari baiezkoa emanez, naiz eta Autonomiaren Estatutuaren kontra joan, beti ere disimulu handienarekin aplikatu nahian. Horrela ba, “buruz gain lan egiten, denak emanda, eta, hala ere, iritsi ezinik” gaude. Bereizketa hau: aukeratu, erabaki, ausartak izan, ekin, …/obeditu, besteei jarraitu, engainatuak izan, …, garrantzia duela iruditzen zait, antzekoa gertatu zaigulako lehenago eta gehiagotan ere. Adibidez, 1920 hamarkadan bizitakoa: orduko Euskararen Pizkundean, Euskaltzaindia sortu zen, Eusko Ikaskuntza ere ikerketarako, …; orduan ere, indarrarekin hasi, baina berehala mugimendua pixkanaka apalduz joan zena. Horrela ba, nolakoa da egungo egoera Euskararekiko?, Pizkundearen indarrezko + sortzailezko lehen epealdian?, moduren bateko mantentze + errepikatze epealdian? (neri iruditzen zaidan bezala), edo galtzeko bidean jadanik sartuta? Nire ustetan ere, “Euskarazko eskolak aho-idatzizko gaitasun betea duten lehendabiziko hiztun osoen belaunaldiak eman ditu azken 50 urteotan: euskararen historian beste mugarri bat jarri du euskarazko eskolak”, artikuluak dion bezala. Hala ere, ondo ebaluatzeko, jakin beharko genituzke gauza gehiago, Euskararen historiari buruz, adibidez, egungo EAEn: (1) 1900ean, populazioaren %80 inguru euskalduna zen, eta hauen artean erdiak (%40) euskaldun elebakarrak, erdaldun elebakarrak %20 zirelarik, gutxi gora-behera; (2) 1970ean, euskaldun elebakarrak desagertu dira, euskaldunak elebidunak bihurtu dira, eta bakarrik populazioaren %24 inguru dira, erdaldun elebakarrak %75 direlarik (nolako aldaketa 70 urteetan bakarrik!, inposizioaren ondorioa); (3) 2006ean (EJ/GV, 2008), 16 urte eta gehiagokoen artean, elebidunak (aktiboak) populazioaren %30,1 dira, elebidun pasiboak beste %18,3, eta erdaldunak %51,5 dira (hau da bakarrik 35 urtetan lortu dena, inposiziorik gabe noski, baina zergatik horrela? ); (4) artikuluaren arabera, gaur “20 urtetik beherakoen artean, %70 baino gehiago dira euskaldunak”. Hau da, nola interpretatu behar dira datu hauek?, pozik egoteko modukoak al dira?, zergatik horren tratamendu ezberdinak ukipenezko bi hizkuntzeekiko?. Eta guzti hau Euskara ikazterakoan, baina zer gertatzen da Euskara erabiltzerakoan? Euskararen erabilerak ez du jarraitzen ezagutzari, geroz eta gutxiago gainera dirudienez; eskola barruan eta irakasleekin gehien erabiltzen da, beti ere ez ordea, eta bestelako gune edo eremutan ia ezer-ez. Lan munduaren eremua da gehien aipatzen dena artikuluan, eta ondo aipatua gainera, Euskarak ez duela ia inongo balio praktikorik, askotan beste edozein hizkuntza baino (ingelesa, alemana, frantsesa, txinoa, …) gutxiago oraindik. Baina antzean gertatzen da bestelako eremuetan ere. Kalean, adibidez (paisaia linguistikoan, jendearen artean, dendetan, tabernetan, …), ia desagertu zaigu Euskara; artikuluan esaten den moduan: “Bilbo dugu, esate baterako, kopuruari dagokionez, munduan euskaldun gehien bizi den hiria (78.727 euskaldun), baina euskararen kale erabilera %3,2koa da, atzerriko beste hizkuntzen kale erabilera, aldiz, euskararena baino handiagoa da Bilboko kaleetan %3,7”, datu kezkagarria dena nire ustez. Saizarbitoria idazleak dion bezala, “… Uste dut (Euskararen) salbazioa Bilbon dagoela: Bilbon salbatuko gara, edo ez gara salbatuko… handiagoa delako”, eta konplexuagoa ere delako gehituko nuke. Beste eremu garrantzizkoa da mundu ofizialean gertatzen dena, non ez bakarrik ez da betetzen derrigorrez Euskara jakin beharra, baizik ez jakitea publikoki defendatzeraino iritsi direla zenbait politiko, adibidez oraingo hauteskundeetan, EAEn bertan, ikusi dugun bezala: PSOEko alderdiak Donostian, edo PPko alderdiak Gasteizen. “Euskara euskal gizartearen bigarren hizkuntza bihurtu da”, esaten da artikuluan, baina ez orain, baizik frankismoaren aurretik jadanik, esango nuke; ama-hizkuntza edo lehen-hizkuntza izatetik, bigarren/hirugarren/laugarren…-hizkuntza izatera pasatu da Euskara; Espainierarentzat izan dira derrigortasun guztiak, Euskararekiko berriz edo debekua edo aukera izan ditu bakarrik, orain ere oraindik: nola onartu egoera hau? Horren azkar behartuz ia desagertzeraino lortu dutena Euskararekiko, gure jatorrizko eta berezko hizkuntza dena, ezin errekuperatuz gaude oraindik. Baina zer da Euskal Herria Euskararik Gabe?, edo alderantziz ere, nola Euskara, euskaldunak izan, Euskal Herri gabe?, askotan galdetzen dugun bezala! ; edo posible al da biak, Euskal Herria eta Euskara, banantzea eta horrela jarraitzea? Arrazoi asko erabili izan dira egungo egoera hau ulertzeko. Neronek ere eman ditut zenbaitzuk, adibidez lan hauetan: (1) “XXI. Mendeko Euskal Herria euskaldun! : Eta horretan, nik zer?” (BAT Soziolinguistika Aldizkaria, 87-88, 2013 (2-3), 235-252 or. ); (2) “Euskara erabiltzearen erraztasunaren/zailtasunaren eragin emozionala eta horren ondorioak” (Uztaro, 64, 2008, 83-97 or. ); (3) “Nazio Identitateaz: Hizkuntzak zer nolako garrantzia dauka herriaren nortasuna osatzeko orduan?”. Baina Euskararekiko aditu eta ikerketa asko ditugu, zori onez, askok erakunde eta aldizkaritan; hauen artean, adibidez: BAT Soziolinguistika Aldizkaria, Jakin, Hizpide, … Euskara ikertzean, denetatik ditugu: historia adierazten dutenak, ezagutza eta erabilera deskribatzen dutenak (sinkronikoki eta diakronikoki), emaitzen zergatiak edo arrazoiak ematen dituztenak, eta abar; gehienak agertzen dira optimistak, baina batzuk nahiko pesimistak, nik neoni bezala. Artikuluaren egileak, lan edo enpresa munduan Euskarak ia lekurik ez izatearen arrazoia diruarekin lotzen du, baina galdetuko nuke ea nahikoa den hori esatea, zeren niretzat uste dut ezez. Arrazoiak aurkitzeko, zenbait galdera egin behar diran jakin beharrean gaude, Euskarari buruz, adibidez: zer da?, zergatik?, zertarako?, nola?, zeinekin?, non?, …; badakigu ere egiten direnak, portaerak, Euskara ikasi eta erabiltzea orain, prozesu psikosozialen bitartez ulertzen direla: usteak, motibazioak, interesak, …, eta identitatea gehienbat; horregatik ikertu ditugu nahiko hauek denak, identitateari garrantzi berezia emanez. Hala ere, esango nuke azken arrazoia, Euskararekin gertatzen zaiguna ulertzeko, dagoela BOTEREAN, lortu beharrekoa abertzaleak + euskaldunak geran aldetik, gure Euskal Herria guk nahi bezala antolatzeko, adibidez gure Euskara benetan normala izatera irizteko ere. Hau erabat lortzeko, gure independentzia lortu beharko dugu lehenbizi, Euskara den jatorrizko eta berezko hizkuntzari bere lekuan jartzeko. Baina bitartean, bide berriak ere erabili beharko ditugu, adibidez: ABERTZALEEN-ARTEKOTASUNA lortu. Nola da posible, oraindik, ez konturatzea abertzaleen artean bakarrik ahal dugula zerbait berria eta garrantzitsua egin eta lortu? ; hauteskunde hauetan, adibidez, nola ez dira elkartu PNV eta EH-Bildu alderdi abertzaleak?, gainera gehiengoa osatzen zutelarik?, nola ulertu hauetako bakoitzak abertzaleak-ez diren alderdiekin elkartu eta itunduko duten?, nola ulertu berriz ere alderdien artean ezker/ezkubi ereduari garrantzi handiagoa ematea, abertzale/ez-abertzale ereduari baino?, jakinda hori dela modu errazena Espainiarako eta espainieradun direnentzat gu engainatzeko? Horregatik, nik erreibindikatuko nuke POLITIKA gehiago egitea gure artean, ausartagoak izatea, zer obeditu eta zer desobeditu erabakitzea, eta abar. Bukatuko nuke, artikuluaren bukaeran jartzen duenarekin: “… euskaltzaleen ekimen sutsua eta gizartearen onarpen zabala ezezik, botere egituren erabakiak ere beharko dira, ate hori (Euskarak lantokietako atea irekitzeko premia gorria) euskararentzat irekiko bada”. Honi emango nioke, dudarik gabe, ELEFANTEA duen sinboloa artikuluan. Bukatzeko, asko eskertzen ditut artikuluaren egileak, zu Azpeitiko Patxi Saez Beloki zerana, zuri buruz esaten dituzunak, gertutasuna sentiarazi didalako, nik ere, nire bizitza osoan, Euskal Herria eta Euskara izan ditudalako erdigune, hasi 1960 hamarkadan, Madrileko Universidad Complutense-ko ikaslea nitzenean euskal-taldean sartuz, bertan Euskara ikasi eta erakutsi nituelarik, nire abertzaletasuna piztu zen, eta handitzen joan da ordutik gauraino. Esan behar dizut, nik ere asko ikasi dudala J.A. Fishman autorearekin, eta kolaboratu dudala bere argitalpen batzuetan, hemen esan ditudan zenbait gauza adierazten duten bezala. Mila esker ere soziolinguistikan aditu bezala eskaini didazulako zure artikuluari buruz nire iritziak ematea, nire asmoa ere delako “hizkuntza politikak nondik jo behar ote duen, Euskarak euskal gizartean merezi duen tokia berreskuratu dezan” gaiaren eztabaidan parte hartzea. Minbizia duzula ere jakinda: nire animuak, Patxi, Aurrera jarraitzeko! (MARIA JOSE AZURMENDI AYERBE soziolinguista eta Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko katedraduna da) Euskararen garapen iraunkorraren bila Patxi Baztarrika “Euskararen azken pizkunde aldia” izenburu eman dion artikulua idatzi eta iruzkin eskaera egin digu hainbati Patxi Saezek. Eskaera horri erantzutera datoz ondorengo lerrook. Ezertan hasi aurretik, ordea, bihoazkio zorion agurra eta esker ona azpeitiarrari. Zorion-agurra, egin duen artikuluaren ekarpenaren aitormen moduan; eta esker ona, nola ez, iruzkina idazteko aukera eman izanagatik. Artikulu betea eta aberatsa da Patxi Saezena, hari-mutur asko dituena eta beste horrenbeste gogoetatarako bide ematen duena. Esaten dituen hainbat gauzarekin, ez ordea guztiekin, bat nator, noski. Badira, nire iritzian, era bateko eta besteko ñabardurak beharko lituzketen esanak ere. Adibidez, lehentasunez hitz egiterakoan nik argi eta garbi gazteak jarriko nituzke lehen lerroan. Baina, tira, iruzkin bat denez eskatu zaiguna, jira-buelta asko eman ondoren erabaki dut, Saezen artikuluaren irakurketa pausatuak eragin dizkidan gogoeta puntu batzuk adieraztea eta ez, beraz, artikuluko pasarte ezberdinekiko adostasunak, ezadostasunak eta ñabardurak azaltzea. Artikuluaren gainean bainoago artikulua aitzakiatzat egindako iruzkina da honakoa. “Azken 50 urteak euskararen pizkundearen aldi bat izan dira. Oso aldi emankorra”, esanez ematen dio hasiera Saezek bere artikuluari, eta ematen ditu baieztapen horren egiatasuna nabarmen asko agerian uzten duten datu batzuk, euskararen biziberritze prozesuan mugarri garrantzizkoetako bat izan den euskararen batasuna bera edo hiztunen bilakaera, hezkuntza edo IKTei buruzko datuak, beste zenbaiten artean. XX. mendearen erdialdetik aurrerako bulkada abiapuntuan izanda, demokrazia aldiko hogeita hamabost urteotan egin du euskarak aurrerapen eskerga Euskadiko Autonomia Erkidegoan, hiru hamarkadotan izan baitu euskarak historian sekula izan ez duen faktore kopurua bere alde. Hainbat adituren esanetan, EAEko hiru hamarkadotakoa da munduko hizkuntza berreskurapen eredurik aurreratuenetakoa eta onarpen sozial zabalenetakoa duena. Nolanahi ere, kaltegarria genuke aurrerapen horren epelean lozorroan geratzea, luzea baita oraindik urratzeke geratzen zaigun euskararen normalizaziorako bidea. Euskararen arrasto sozialak inoizko datu onenak baditu ere, gaur egun duen baino irismen sozial handiagoa nahi dugu askok eta askok euskararentzat. Eta gehiago nahi eta behar izate horretan, nolabaiteko bidegurutze batean gauden sentsazioa zabalduta dago euskaltzale aktiboenen artean (ez nuke inondik ere gauza bera esango herritar guztiez edo gehienez ariko banintz). Oinak lurrean, denbora horretan nekez eman genezakeen eman dugun jauzia baino handiagorik. Batzuetan, ordea, ez da onena asmatu, batzuetan egin dena baino gehiago eta hobeto ere egin zitekeen. Beraz, ondo egindakoari eusten, orain arte lortutakoa –ikaragarria- finkatzen eta atzera bueltarik gabe sendotzen, hobetu beharrekoak hobetzen, galdera berriei erantzun berriak aurkitzen, eta erronka berriei eraginkortasunez erantzuten asmatu beharko dugu aurrerantzean. Bertsolariak kantatuko lukeena parafraseatuz, etorkizunak kezkatzen eta arduratzen gaituen arren, baditugu mila motibo etorkizunari begiratzeko alai, baikor eta itxaropentsu. Azken hiru hamarkadotako aurrerapen itzela ahalbidetu duten faktoreen artean hizkuntza plangintza dugu, noski. Hizkuntza plangintzarik gabe ezinezkoa zatekeen urratu dugun bidea egitea (urteotako hizkuntza plangintzak Euskararen Legean du abiaburua, eta, EBPN edo ESEP bezalako plan estrategikoen ondoan, hainbat plangintza gauzatu dira eremuz eremu, intentsitate eta irismen eta eraginkortasun ezberdinetako plangintzak, hezkuntzan, helduen euskalduntzean, administrazioan, hedabideetan, kulturgintzan, arlo sozioekonomikoan edo IKTetan). Asmatu behar dugu hizkuntza plangintzaren eraginkortasuna hobetzen, nahitaez. Patxi Saezek garbi dauka kontua: hizkuntza plangintzaren lehentasun nagusia lan mundua izan behar da, “eskolak euskaldundu duena lan munduak erdaldundu egiten baitu”. Eta proposatzen du arlo horretako plangintza eraginkorra izateko bidea ere: diru pizgarriak. Azaltzen du, halaber, proposamen horren zergatia: “sektore ekonomiko guztien motorra (…) dirua da. Enpresek dirua dute bere jardueraren arrazoi eta helburu bakarra”. Arlo sozioekonomikoa da, nire iritzian, egindako ahalegin ekonomikoari (hogeita bost milioi eurotik gora azken hamabost urteotan) behar beste etekin ateratzen asmatu ez dugun arlo bat. Badugu hor ere zer hobeturik. Euskara bigarren mailako hizkuntza ez baizik eta adin nagusikoa izatearen ikuspegitik begiratuta, arloaren garrantzia ukaezina da, lehen mailakoa zalantzarik gabe. Beldur naiz, ordea, diru-pizgarriena baino konplexuagoa eta korapilatsuagoa ez ote den auzia, dimentsio ezberdinetako faktore ugari baitira lan munduko hizkuntza erabileretan ere eragiten dutenak: ugazaben eta langileen hizkuntza jarrera eta prestakuntza, hizkuntzaren pisu soziala enpresaren kokagunean, enpresaren jardueran parte hartzen duten askotariko eragileen hizkuntza portaerak, herritarren hizkuntza jarrera eta ohiturak edo hizkuntzaren prestigioa, beste zenbaiten artean. Hogeita hamabost urteotan izan duen hazkunde jarraitua hazkunde iraunkor bihurtzeko, euskarak nahitaezkoa du gizartean garrantzizkoak diren jardueratan gutxieneko funtzio batzuk betetzen dituen hizkuntza izatea. Beste hitzetan esanda, behar bestekotasun funtzionala duen hizkuntza izatea, alegia. Lan mundua euskararentzat horma bihurtzen denean, euskarari bizitzarako hizkuntza bizia izan dadin garrantzi betea duen funtzionaltasun bat oztopatzen zaio. Oztopo horrek era guztietako euskaldunengan eragiten du, modu negatiboan beti: etxetik euskaldun izanik euskaraz eskolatu direnei bezala etxetik erdaldun izanik eskolan euskaraz jabetu direnei, auzo giro euskalduna dutenei nahiz besteei, denei, oztopatzen die euskarazko jarduna lantokian, norbanakoaren egunerokoan leku handia betetzen duen aktibitatean. Euskarak ondoan duen hizkuntza indartsuarekin –eta kasu askotan neurri batean baita ere beste hizkuntza batzuekin- partekatu beharko du lan mundua; eremuz eremu eta gunez gune diferentea izango da partekatze hori. Askotarikoa baina nolanahi ere behar bestekoa izango den funtzionaltasun partekatuaren bila jotzea dagokio, bada, hizkuntza plangintzari. Ukaezina dela uste dut aipatutako plangintzaren arrakastarako jarraitu behar dela diruak eta askotariko bitartekoak baliatzen, eraginkortasun handiagoz gainera. Baina, arestian esan bezala, aldi berean uste dut halako plangintzaren arrakastaren giltzarri nagusia dirua baino askoz konplexuagoa eta sakonagoa den beste zerbaitetan datzala. Nire iritzian, garbi esanda, giltzarri nagusiak dira, lan munduan protagonista diren askotariko eragileen gogoa eta jarrera, eta adostasun sozial eta politiko sendoa. Komeni zaigu ez ahaztea hizkuntza status-aren plangintzaz ari garenean –eta hori da bete-betean lan munduari dagokiona- status sozialaren aldaketaz ari garela, hots, hizkuntzaren status plangintzaren erdigunean dagoena ez dela hizkuntza, baizik eta erdigunean daudenak direla hiztuna, hiztunen komunitatea, hiztun ez diren herritarrak eta gizartea bere osotasunean. Beste era batera ere esan liteke: hizkuntza plangintzan hizkuntza ez dela helburu, bide baizik. Eta horrexegatik guztiagatik dira giltzari nagusi lan munduko askotariko eragile naturalen jarrera eta gogoa, eta adostasun sozial eta politiko ahalik eta sendoena. Ikerketetako emaitzen arabera, euskara lan munduan eta kontsumoarenean gaur baino askoz ere presenteago egotearen alde dago herritarren gehiengo zabala. Hori aukera on bat da arlo horretako hizkuntza plangintzarako, baina beldur naiz ez garela denok neurri eta intentsitate berarekin egongo “alde”, “bai baina” ugari izango direla tartean, normala denez. Hori ere kontuan izan behar du hizkuntza plangintzak arrakasta izateko, eta horregatik da gako garrantzizkoa ikuspuntu ezberdinen arteko adostasun politiko eta soziala. Bizi-indarraren dema erabileran jokatzen dugu. Paradoxikoa dirudien arren, inoiz baino aukera handiagoa dugu seguruenik ere erabileran aurrera egiteko, inoiz baino hiztun gehiago baititu euskarak, eta inoiz izan ez duena: euskaraz hazi eta hezitako belaunaldiak, etorkizuneko “eliteak”. Baina lan mundua euskararentzat “mutua” baldin bada, aurreratu lezakeena aurreratu gabe geratzeko arriskua edo atzerantz egitekoa areagotu egin liteke, batez ere euskara bigarren hizkuntza gisa eskuratu duten euskaldunen kasuan. Hor badu zereginik hizkuntza plangintzak, badute zereginik –zeregin mugatua- arauek eta diruak. Baina, berriro esanda, nahia da giltzarri nagusia. Enpresetako ugazaba eta langileek, sindikatuek eta enpresarien elkargoek, kontsumitzaileok… bere/geure egin behar dute/dugu euskara egunerokotasun horretan jarduteko “bide” izatea. Euskararen etorkizuna herritarron esku dago, inoiz baino neurri handiagoan. Batik bat euskal hiztunon esku, baina baita egun oraindik elebakar direnen esku ere, horiek hartzen duten euskararekiko jarrerak ere baldintzatu egingo baitu euskararen behin betiko indarberritzea. Ausardia behar dugu onartzeko euskararen etorkizun oparo eta sasoizkoa eskuratzeko bermerik handiena dela, hain zuzen ere, guk geuk (herritarrok, enpresek, hedabideek, sindikatuek, alderdi politikoek, arte langileek, gurasoek, irakasleek, kirolariek…) egunerokoan, naturaltasunez, gero eta gehiago erabiltzeko jarrera izatea. Gizarte aldaketak beti dira zailak eta konplexuak, baina egingarriak dira, segun eta gauzak nola egiten diren. Euskararena da horren lekuko. Aurrerantz are eraginkorrago jarraitzeko, ordea, beharrezkoa da errealitatea den horretan ulertzea etsipenean erori gabe. Bestela, segur da positiboki kudeatu ezin den angustia antzua. “Nahia” eta “ahala” bereizezinak behar ditugu, jakinda belaunaldi berriek eta etorkizunekoek erabakiko dutela euskara erabili edo ez edo zein neurritan erabili, eta neutralak ez garenez, hots, euskara biziago eta erabiliago ikusi nahi dugunez, belaunaldi berrientzat prestakuntza hobetzera (lanbide heziketan euskarazko jarduera derrigor indartu behar da), erabilera aukerak sortzera eta haien erabilera gogoa piztera eta elikatzera zuzendu beharko da lan munduan ere hizkuntza plangintza. Horra hiru faktore nire ustez garrantzi gero eta handiagoa dutenak euskara hizkuntza bizia eta subordinaziorik gabeko adin nagusikoa izateko bidean: atxikimendua, kontsentsu sozial eta politikoa, eta euskarazko jardunaren erakargarritasuna. Euskarazko jardunaren prestigioa eta erakarmena areagotzeko garaia dugu, bereziki arlo sozioekonomikoan, non erakarmen handiko hizkuntzekin –gaztelania eta beste batzuekin- partekatu beharko duen joko-zelaia euskarak. Arauak bai, erabilera aukerak bai, erabaki estrukturalak bai, zalantzarik gabe; baina motibaziorik gabe alferrik dira arauak eta diruak. Gertuko etorkizunean oso garrantzitsua izango da motibazioak eragitea, euskaraz jakitea ez ezik euskara erabiltzea gizartearen iruditeria edo imajinarioan balio positibo eta prestigio bide gisa atxiki eta finkatu dadin. Hogeita hamabost urteotako bide gorabeheratsu baina arrakastatsua egiterakoan, giltzarri izan da lehenik Estatutuaren inguruan eta ondoren Euskararen Legearen eta beronen garapenean lorturiko adostasun sozial eta politikoa. Itun politiko-soziala da euskararen biziberritze prozesuaren gainean hiru hamarkadotan gauzaturiko kontsentsua. Itun politiko-sozial hori sendotzea, zabaltzea eta indarberritzea komenigarria da etorkizuneko bidean eraginkorragoak izateko; eta bai, lan-mundurako hizkuntza plangintzak behar luke hor toki garrantzitsua. Betiere ahantzi gabe eraginkortasunerako baldintza dela egingarritasuna. Xabier Lete poeta handiak idatzi eta kantatu zuen bezala: “Eguneroko fruituaz // eskuak bete ditzagun: // alferrik da bihozkadaz /egoerari erantzun”. (PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea da) Suak du burdina frogatzen…. Andres Urrutia Badiola … eta mintzatzaileek mintzaira baten bizitasuna eta indarra. Askotan esan denez, eta berriro errepikatu behar bada ere, oraindik euskararena ez da aise eta behar bezala bizi eta zirkulatu gure artean. Horrexegatik dator harira, oso harira, Patxi Saez Belokiren artikulua, elefantea ikusi izenekoa, horrek argi erakutsi baitu, haren ustez, zein den euskararen mentsik nabarmenena, alegia, euskararen elefantea. Areago, hitzez hitz esanda “horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia”. Izan ere, hortxe dago koxka eta kezka, lan munduak euskaraz bizitzeko ekar dezakeena. Koxka ez hain berria, jakina, historian zehar, euskaraz lan egiteko aukerak izan baitira. Alajaina! Esango dit norbaitek. Bene-benetakoa esango diot nik beldurrik gabe, Ondarroako arrantzaleen eta Eibarko armagileen hizkuntza zein izan den horri erreparatuz gero; baserritar eta nekazariak ere horretara jarrita gizaldi eta gizaldietan. Eta orain, zer? Orain konturatu gara gizarte modernoetan bizi dugun ingurutik eta barrunbetik euskarak ihes egin digula, kultura idatziaren zirrikituetatik, eguneroko bizimoduetatik. Jokoa ez da errenta, ezta lan mundua ere erraza Irakaskuntza euskaldundu dugunean, lan munduak zapuztu digu euskararena, hortxe, beraz, Patxi Saez Belokiren esamoldean, gure elefantea, euskarak duen problema nagusia. Ez dut nik halakorik ukatuko. Bai, ordea, ñabarduraz beteko, uste izan baita, besterik gabe, diru-laguntzak direla biderik errazenak euskara sustatzeko eta nonbait, lan mundua euskalduntzeko. Usteak, alabaina, ustel, behin eta berriro, errealitateak erakutsi duelako diru-laguntza agortu bezain laster akitu dela euskararen normalizazioa hainbat enpresa eta lan tokitan. Halaber, uste izan da euskararen ofizialtasunak konponduko zituela arazo guztiak, goitik behera jarritako agindua, alegia, euskara ofiziala dela eta horrekin berez sortuko liratekeela esparru euskaldunak eta lanpostu egokiak, horien bidez euskararen eguneroko erabilera bermaturik egongo zela besterik gabe. Hainbatez, hiru horiek, hots, ofizialtasuna, diru-laguntza, eta aurreko biak lotzeko hizkuntza plangintza izan dira gidari eta lerroburu gure. Hala ere, berehala konturatu gara hiru hauekin ere aski ez dugula gizartearen eragina eskuratzeko euskararen alde. Zer falta zaigu, beraz, eragile izateko? Hasteko, egoeraren diagnosi egokia. Urteetan izan gara eta bagara egun ere, soziolinguistikaren morroi. Zientzia berrienetan kokatu eta diziplinartekotasuna bermaturik, ez diot nik bertuterik ukatuko delako horri. Egoera linguistiko guztiei aurre egiteko nahikoa den, ostera, zalantzan jartzeko abagunea heldu dela ere esan daiteke. Besteak beste, luze-zabal ari gara ekinean, hur-hurrean dugunari so egin gabe. Alegia deus ez, urruneko esperientzietan jarri ditugu gure kemena eta indarrak eta bazterretan utzi ditugu bestelako eta hurbilagoko errealitateak. Bat aipatzearren, horra legearena. Ez lege hertsia, ofizialtasunaren aldarrikapenarekin kontuak bideratu omen dituena. Bestelako legeaz jardun behar da, hain zuzen ere, pertsonen arteko zuzenbide pribatuaz, halako harremanak bideratzen baititu horrek, nahiz kontsumo, nahiz merkataritza, nahiz lan-harremanen alorretan. Usu ahazten dira halakoak aginte publikoari egiten zaion ofizialtasunaren aldarriarekin. Saihetsean geratzen dira horiek, hala nahita edo nahigabe, gizarte baten egunerokotasun linguistikoan erabateko pisua izan arren. Azterketa ere modu aski ezean egiten da. Hortaz, ofizialtasuna adierazita, alboan uzten da pertsonen arteko harreman juridikoen muina, borondatearen jokoa eta autonomia. Hitz batez esateko, alderdien arteko askatasuna, euren harreman juridikoak bideratzeko, hizkuntza barne. Noizbait euskal zuzenbide zibilak moldatu duen askatasun zibila eta Nafarroako Lege zibilean egoki esanda dagoena, paramiento fuero vienze, hau da, alderdien arteko paramentua edo hitzarmena da nagusi eta legea bigarren mailan geratzen da. Askatasun zibila, askatasun linguistikoa Askatasun zibil hori da, izan ere, ezinbesteko oinarria askatasun linguistikoa ontzeko, askatasun hori ez baita funtsik gabeko askatasuna, ezpada zin-zinezko askatasuna, eta berori aurrera eramateko legeak, baliabideak eta marko egokia osatu behar dira. Hartara, arlo publikoarena bada ofizialtasunean zimentarri hartu eta euskararentzat esparru egokia garatzea, arlo publikoarena da esparru horren barnean gertatzen diren harreman juridiko pribatuak euskaraz ere gauzatzea. Hori, zorionez ala zori txarrez, ez da bakarrik diru-laguntzekin erdiesten. Horretarako, zalantzarik ez dago, guztion ahaleginak behar dira, herri agintariena zein herritarrena. Badago langintza horretan zer bete eta zer asma. Horietan ez dira txikienak eta laburrenak gizarte zibilean ari diren hainbat elkargo lanbide, aholkulari eta bitartekaritza lana egiten duten horiengan euskararekiko garra sortzea eta umotzea. Horixe da, beste ekimen askoren artean, euskarak behar duena eta egun premian duena, gizarteratze oso baten peskizan. Ofizialtasunaren porasuz eskutik joan zaigu bestelako hori, askatasun zibilarena eta horren ondorioa den askatasun linguistikoa ondo estekaturik joan daitezen. Horrek eskatzen du, besteak beste, diagnostiko egokia, bertara bilduz diziplina anitzetako jakituriak; horrek eskatzen du, era berean, sakon aztertu eta ikertzea egoera hori eta diru-laguntzak eta plangintzak bideratzea, ez horrenbeste goitik beherako ezarpena egiteko, ezpada gizartean bertan berez sortzen den eguneroko erabilera sustatzeko. Halakorik ikusi ote dugun galdetzen badit inork, erantzuna ezin guztizkoa izan. Bidean gaudela esan daiteke, eta leku desberdinetatik arazoaren ertzak ikusten ari dira, oraindik erpina jo ez bada ere. Horrexegatik, euskararen elefantea nabarmena bada ere gure artean, elefantea bera nola euskararen mundura erakarri asmatu beharra dago. Dema argia da, edo elefantea hil eta museo batera eraman, edo elefantea hezi, bizirik atera eta euskararen mesederako lanean jarri. Nik, Patxi Saez Belokiren antzera, aspalditik egin nuen bigarrenaren aldeko apustua. (ANDRES URRUTIA BADIOLA euskaltzainburua da) Zirt edo zart egiteko garaia heldu da ELA-Autonomako Euskara Lantaldea Bat. Euskaldunen erdiak EAEko sei udalerri handienetan bizi dira eta euskara bigarren hizkuntzatzat dute. EAEn, 30 urtetik beherakoen hamarretik seik (%58) bigarren hizkuntza euskara dute… Eta galdera da, bigarren hizkuntza bezala belaunaldiz belaunaldi transmitituko da euskara? Zertarako transmititu erabiltzen ez den, edo oso gutxi erabiltzen den hizkuntza bat? Egungo gazteek oso argi daukate: “zergatik (zer dela eta) egin behar dugu euskaraz?”. Izan ere, transmisio modu oso ohikoa da, guraso biek euskaraz jakinik ere, haurrei euskaraz egitea baina gurasoek euren artean eta beste heldu batzuekin erdaraz jardutea. Transmisio modu horrek (ezaugarri horiekin) noiz arte iraun dezake? Egungo belaunaldi gazteentzat, batik bat inguru erdaldunduetan, euskara gelako hizkuntza baino ez da, eta eskolan bertan ere, gehienek ez dute erabiltzen irakasleei zuzentzeko ez bada. Udalerri handienetan, eta erdaldundutako beste guztietan, euskaldun berriek ez dute euskaraz bizi ahal izateko heldulekurik apenas. Euskaraz egitea bitxikeria moduko bat da euren artean. Are gordinagoa da Joxe Manuel Odriozola irakaslearen hausnarketa: “… D ereduko ikasleen belaunaldiak gehienbat belaunaldi galduak dira euskararentzat… soilik eskola bidez euskaldundu diren belaunaldiak, ahozko gaitasun komunikatiborik gabeko ikasleak dira gehienbat. Eskolak soilik ezin du gaitasun komunikatiboaren alderdi hori garatu eta bermatu.” Bi. Zortzi ordu lo, zortzi lan, eta zortzi ordu otordu, familia, lagunarte, aisialdi, eta hedabide-kontsumorako. Euskaraz bizi nahi badugu lan mundua irabazi beharra dugu euskararentzat. Gure ustez, lur-eremukako planteamenduak egin beharra dago, soilik funtzio-eremuka jardun ordez. Bestela esanda: Sakanan, Goierrin, Urola bailaran, Uribe Butroen, etab… bizitzako alor guztietan euskaraz bizitzea posible izan dadin lortu behar dugu, beste lur-eremu batzuk irabazi nahi baditugu ondotik. Hezkuntza arloko urte luzeotako prozesuaren emaitzek erakutsi digute, ikastetxera mugatutako ahaleginek ez dutela lortzen euskal hiztunak sortzea (ahaleginak ez duelako jarraipenik ikastetxetik at). Gizarte arauaren indarrak jan egiten du esparru txikian egindako ahalegina. Funtziorik estrategikoenetan: aisialdia, lan mundua, osasun zerbitzua, hedabideak… herri handietan eta hiriburuetan indarrak metatzea beharrezkoa da, populazio bilgune garrantzitsuak direlako. Horien inguruko biztanleak ere bertara joaten direlako denbora pasa, ikastera, erostera, lanera… baina euskararen normalizazioari ezin zaio soilik “funtzio eremuka” heldu. Administrazioaren eta erakunde gehienen diskurtso politikoki zuzenek ezkutatzen duten Hezkuntza sistemako porrotak ondorioak ateratzeko balio behar liguke. Ikusi dugu, D ereduko / ikastoletako haurrek euskaraz jardun dezaten nahi badugu, herriko / eskualdeko aisialdia, hizkuntza paisaia, euskararen inguruko diskurtsoa, merkataritza, eta abar landu beharra dagoela, baina inoiz gutxitan gertatzen da hori. Hortik emaitza urriak. Altsasuko, Bilboko, Irungo edo Berriozarko, D ereduko edota ikastoletako haurrak erdaraz bizi dira, euren ingurua bezalaxe, ikastetxerik euskaltzaleenetan ibilita ere eta guraso euskaltzaleak eduki arren askotan. Lan munduan eragiteko ere, herri eta eskualde mailako egitasmoak jarri beharko dira abian, gizarte bizitzako alor gehienak aintzat hartuz, eta lan munduko balizko ahaleginari jarraipena eta koherentzia emateko. Hiru. Belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru eta ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak… Gaur egun, euskarak lan-hizkuntza gisa duen balioa hutsaren parekoa baita. EAEn 177.000 lan-erakunde daude . Bada, horietatik %0,1 ere ez dira euskaraz lan egiten dutenak. Adibidez, 1997-2014 urteen artean, soilik %0,2k (386 lan erakundek) jaso dute Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza euskararen erabilera-planak garatzeko. Bikain ziurtagiria 2008. urtetik jasotako erakundeak %0,1 dira (188 lan erakunde), baina lana euskaraz egiten dutela egiaztatzen duen egiaztagiria dutenak %0,04 dira (78 lan erakunde). Bai Euskarari Ziurtagiria: guztira, ziurtagiridun erakundeak, 1.355 dira Euskal Herri osoan, alabaina, Zerbitzua eta lana euskaraz egiten dutela egiaztatu daukatenak %0,08 dira (152 lan erakunde). Belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru eta ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak bai, baina hedabideek, politikagintzak, aisialdiko baliabideek, eta gure gizarteari inposatutako hizkuntza ohiturek ere bai: ordezkapen planifikatu prozesu luzeak, finean. Alabaina, azpimarratu behar da euskara planak egiteko deialdira eta Bikainera aurkezten diren enpresak, dinamikoenak, internazionalizatuenak eta kalitate parametroen arabera puntakoak direla. Lan munduan euskararen sustapena ez aurrera, ez atzera dago. Bada garaia politikak aldatzeko, emaitzak oso argigarriak dira eta. Izan ere, gizartearekin harreman handiena duten sektoreetatik hasi behar litzateke, sentsibilizazioa landuz lehenik eta behin. Iraingarria gertatzen da, egunero-egunero ikusi behar izatea merkataritza arloko (eta bestelako) establezimenduetan, euskaldunoi ezikusiarena egiten ez zaigunean, bigarren mailako herritarren tratua nola ematen zaigun. Sikiera ageriko diskriminazio horri azkena emateko, ez da borondate politikoa baino asko gehiago behar. Lau. Euskara lantokietan nagusi ez izateak bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du gizartearentzat. Areago, egunetik egunera, euskara nagusi izan deneko lan eremuak ari da galtzen (nekazaritza edota arrantza). Lan mundua ia zeharo erdaldunduta, eta aisialdian, hedabideetan, edota administrazio publikoetan euskara eta euskaldunak bigarren mailaratuta (kasurik onenean), ez dirudi hizkuntza berreskuratzeko abiapuntu ona. Bost. Neurri batean, herri erakundeen aginpidea euskal hiztun komunitatearen kideengan dago. Baina erakunde gehientsuenak erdaldun funtzionalen esku daude, euskaraz jakin zein ez. Begiratu besterik ez dago erakunde nagusietako jardunari horretaz jabetzeko. Eta are okerragoa dena, errealitate hori estaltzen saiatzen dira abertzaleen agintepean dauden erakundeak, oro har. Sei. Fishman-ek esana da, “Akordio politikorik gabe, hizkuntza plangintza noraezean doa, han-hemen gauzatxoak eginez, baina ondorio sakonik gabe; agintariek ez dutelako zehazki definitu problema zein den edo lehentasuna zeri eman. Zenbat eta adostasun falta handiagoa agintari politikoen artean, hainbat eta gutxiago egin dezake hizkuntza politikak” Baina adostasunak, euskararen aldeko hizkuntza politika garatu nahi dutenen artean behar du, aurrera pausurik emango bada. EAEn adibidez, PSErekin (eta PPrekin) bilatu du adostasuna Eusko Jaurlaritzak. Euskara museoan nahi dutenekin, alegia. Baina aitortu beharko da, erakunde politiko eta sindikal abertzale nagusiek ere, ez daukatela, ez daukagula alternatiba sendorik gaur gaurkoz. Izan ere, euskara ez dago erakundeon lehentasunen artean, eta arazo edo zama balitz bezala aztertu ohi da, eta ez herri honi izaera eta nortasuna ematen dion ardatz bezala. Zazpi. Sektore ekonomiko guztien motorra, hemen eta munduko beste edozein bazterretan, dirua da. Euskarari lantokietan sarbidea eman nahi baldin badiogu, lan-erakundeek igarri behar dute euskara erabiltzea errentagarria zaiela… edota euskaldunak aintzat ez hartzea zama bilakatzen zaiela. Dena ez da pizgarri ekonomikoa. Dirua zuzenean eman baino gehiago, prestigiatu eta goraipatu behar dira euskaldunak aintzat hartzen dituzten lan-erakundeak. Horrexek berak ekarriko ditu atzetik beste asko ere. Pentsaezina da, egungo errealitateari erreparatuta, gizartea osoa euskararen berreskurapenaren norabidean jartzea, baina alderdi eta sindikatu abertzaleek behintzat, benetako konpromisoa agertu behar genuke, hitzetatik ekintzetara sarriago eta eraginkorrago igarota. Euskaltzaletasun ordezkazale batetik (besteek egingo omen dute: gazteek…), euskaltzaletasun arduratsu eta koherente batera igaroz. Zortzi. Fishman-ek esana da hau ere: “Herri hau euskalduntzen bada, eliteak aldatuko dira. Oraingo eliteek, lanpostu onak dituztenek, boteredunek, botere hori konpartitu edo galdu beharko lukete, botere hori gaztelaniaren bidez lortu eta mantentzen dutelako. Beren bizimodua espainolez zertu da eta beren nortasuna gaztelania da; gaztelaniaren erabilera zehatzean oinarritzen da. Orduan, eliteen aldatzeak erresistentzia ekarriko du, eta erresistentzia hori gatazkaren arrazoia izango da” Erresistentzia horiek gainditzea behar du lehen helburua. Borroka ideologikoa irabazi, alegia… oso aintzat hartuz, lehen oztopoak “etxean” bertan aurkituko ditugula gainera. Sindikatuok, eta beraz ELAk ere bai, erantzukizun zuzena daukagu planteatzen zaigun erronka zail baina ezinbesteko honetan. Badagu garaia hizkuntzaren auziari adarretatik heltzeko. Ardura zuzena daukagu ordezkatzen milaka eta milaka ditugun afiliatu eta jarraitzaileekiko, eta barne hartzen gaituen euskal gizartearekiko. Zirt edo zart egiteko garaia heldu da. (ELA-Autonomako Euskara Lantaldearen erantzuna) Erabakiaren aroa ireki da Zelai Nikolas Ezkurdia Kaixo Patxi: Zorionak eman nahi dizkizut zure artikuluan egiten duzun gogoeta interesgarri eta sakonagatik batetik, eta eztabaida hain aberats zein beharrezko hau zabaltzeagatik. Gustatu zait zure abiapuntua: asko egin da, baina horrenbeste edo gehiago falta zaigu euskaraz bizi gaitezen bai gaurko euskaldunak bai biharkoak. Bat nator zurekin esaten duzunean euskararen hutsune handi bat lan munduan dagoela. Baita prestigio falta duela eta botereari lotutako elite parte handi batek ez duela euskararen aldeko jarrerarik izan. Horrek guztiak eragiten du, nola ez, euskara dakiten baina erabiltzea falta zaien herritarrengan (gazteeengan, besteak beste) eta euskara ez dakiten eta ikasteko ahalegina egin behar dutenengan. Gasolina horrekin nekez emango dugu jauzia euskara Euskal Herriko hizkuntza nagusia (ez bakarra) izan dadin. Nire uste apalean, euskararen biziberritzeko prozesuan ere “erabakiaren aroa ireki da”. Gure Esku Dagok ekainaren 21ean erabakitzeko eskubideari dagokionez aldarrikatu zuen moduan, euskararen eta euskaldunon etorkizunari dagokionez ere “gure esku dagoela” aldarrikatu behar dugu. Hau da, borondatezko osagaia oso garrantzitsua da prozesuan. Baina , nola eragin pertsonen borondatean euskararen alde egin dezaten, dakienak erabiliz eta ez dakienak ikasiz? Euskararen aldeko borondatea sendotzen jarraitu behar dugu. Hor dago, nire ustez, benetako elefantea eta tresna egokiak behar ditugu elefante horri jaten emateko. Tresnei dagokienez, ados nago lan munduari bereziki erreparatu behar zaiola eta euskarak prestigioa lortu behar duela eremu horretan, eta baita botere egituretan ere. Baina, borondatea elementu subjektiboa dela kontuan izanda, zure gogoetan kontzeptu bat faltan bota dut: maitasuna. Dirua eta pizgarriak aipatzen dituzu borondate hori elikatzeko tresna gisa eta dudarik gabe lagundu egingo lukete, baina, nire ustez, ez da nahikoa, ezta funtsezkoa ere. Euskararen alde egiten dugun ahalegin guztia gure hizkuntzarekiko amodio istorio bat bezala irudikatzen dut nik eta maitasuna ikaragarri hori, belaunaldiz belaunaldi pasatzeko gai garena, euskara biziberritzeko dugun motore indartsuena da nire ustez. Maitasuna galduz gero, ez dut uste lan mundua ez beste ezer euskaratzeko gai izango garenik. Horregatik, bada, nire ustez, euskararen prestigioa maitasunarekin eta ondo bizitzearekin lotu behar dugu. Sentimendu indartsu horiek behar bezala landuta indar nahikoa emango ligukete egin behar dugun jauzia egiteko. Lan munduan, zein transmisioan, zein euskara biziberritu behar dugun gainontzeko arloetan bi elementu horiek oso presente izan beharko genituzke, dena delako plangintzari heltzerakoan. Bukatzeko, gatazkarekin lotutako ideia bat. Zure artikuluan aipatzen duzu botereari lotutako elite botereduna euskara gure berezko/ohiko hizkuntza izatearen kontrako jarrera azal dezakeela/baduela. Hala da, elite hori ez haserraraztea izan da orain arteko hizkuntza politikaren galga bat. Baina gizartean gatazkak eguneroko ogia dira eta gakoa ez da gatazkak saihestea –orain arte bezala-, baizik eta horiei heltzea, xehe-xehe aztertu eta behar bezala kudeatzea, besterik ez. Gaur egun, tresna gehiago ditugu gatazkak bideratzen asmatzeko eta nola ez demokrazian sakontzea dugu horien artean indartsuena. Beraz, jarrera demokratikoak elikatu behar ditugu gizartean eta eremu boteredun horri inteligentziaz aurre egin. Hain zuzen ere, horregatik da horren garrantzitsua “ondo bizitzearekin” lotzea euskararen erabilera. Elite horren kontrako jarrera neutralizatu behar da eta hori egiteko hainbat modu daude: bat da elite boteredun euskalduna elikatzea. Horrekin ez dut esan nahi klasismora jo behar dugunik, baizik eta euskaldunak (gure elite berria) gai izan behar dugula “ondo bizitzearen” kontzeptu hori euskaraz bizitzea ematen digun zoriontasunarekin lotzeko eta gure balore kooperatibo, alternatibo eta propioekin elikatu. Zoriontasuna eta jarrera positiboak oso kutsagarriak dira,beraz, euskararen zoriontasunaren izurritea zabaldu behar dugu gizartean. Euskara erresistentziatik atera eta gizartea elikatzeko elementu izatera pasa, bizitza beteago eta zoriontsuagoa dakarrelako. Segi horren fin Patxi eta laster arte. (ZELA NIKOLAS EZKURDIA legelaria da eta Gure Esku Dago herri ekimenaren bozeramailea) Elefante ugari eta kapital gutxi Lorea Agirre Dorronsoro Patxi, Elefanteak ugari ditugu hemen. Etxea elefantez josia dugu eta, askok ikusi bai, baina ez ikusiarena egiten dugu. Lehentasun gehiegiren beharra du euskararen normalizazioak lehentasunak lehentasun izan daitezen, dena baita garrantzitsua. Egia da eremuak eta ekimenak lehenetsi beharra dagoela, eta, datozen urteetan non eta nola jokatu, non jarri indarrak ebatzi beharra dagoela. Zergatik hori? Bada asko egin delako, ados, baina ez aski. Eta gutxi asko izan daitekeen moduan, asko ez da beti aski. Eta horrelaxe azal liteke azken 60 urtetan egin denaren auzia. Kontua da, sarritan, ordukoak eta oraingoak absolutoki eta modu isolatuan konparatzen ditugula, eta horren arabera zenbat aurreratu dugun geure buruari esanez kontsolatzen garela. Eta ez da gezurra aurrera egin dugunik, baina tranpa ere badu horrek, ze gaurko errealitateak markatzen dizkio euskarari gaurko beharrak, eta ez errealitatea eta ez beharrak ez dira berdinak 70eko hamakardan eta gaur egun. Gizartea aldatu da, jendea aldatu da, gu aldatu gara, eta garaian garaiko ingurumaria horren baitan neurtu behar da euskararen borrokan egin den lanaren emaitza, eta, areago, egin beharrekoa. Aldaketen argitan pentsatu behar ditugu bide berriak. Arazoa zaharra da, baina galdera berriak ditugu. Eta honenbestez, lan-tresna berriak behar ditugu. Lan mundua jartzen duzu datozen urteetako erronka modura. Ez dakit erabateko lehentasuna den, baina argi dago landu beharrekoa dela. Ez naiz aditua eremu horretan, baina boteprontoan otutzen zait zentzuzkoa dela esatea administrazio publikoan jauzi kualitatiko eta kantitatibo handi bat behartu behar dela. Hiru urrats oinarrizko marka litezke. Bata, gurean, enpresarik handienetako bat administrazio publikoa den heinean, bere burua, bere jarduna –kanpo eta barru– eta bere lan harremanak erabat euskalduntzea epe jakin baten barruan. Bestea: administrazio publikoa zerbitzu eta enpresen kontratatzaile, hitzarmen egile eta dirulaguntzen emaile nagusienetako bat den heinean, esleitu, kontratatu, hitzartu edo diruz laguntzen duen enpresa horrek euskaraz funtzionatzea, zerbitzu oro euskaraz ematea, eta, euskararen irizpidea kontutan hartzea legez galdegitea, nola egun ingurugiro irizpideak obra publikoak esleitzeko erabiltzen diren gisan. Eta hirugarrena: administrazio publikoak adierazpen publiko guztiak euskara lehenetsiz egitea, idatziz eta ahoz. Hiru neurri hauekin administrazio publikoan eragiten da, eta hori da enpresa pribatuan eragiteko eman beharreko lehen urratsa. Hortik aurrera, bada, euskaldunon eskubideak bermatu aldera, enpresa pribatuei zerbitzuak euskaraz ere eman ditzaten galdegitea etorri beharko da. Botereak bi bide ditu eraldaketak bideratzeko, hemen eta munduan, eta biak batera egin ohi dira: legeen bidez behartu, eta laguntzen bidez aldaketa erraztu, epeak eta nuerriak egutegian jarriz, malgu izanez nahi bada, baina epeak eta helburuak bete araziz. Eta horixe da egin beharrekoa hemen ere. Ez da erraza izango, baina lan mundua euskaratzen eskarmentua duen aditu talde handi samar bat badago, eta esperientzia metatu nahikoa ere bada, horrelakoak abian jartzeko. Legea ere alde dago. Borondate politikoa eta ausardia behar dira. Demokrazia aplikatzeko ausardia, alegia. Horrek guztiak ere emango lioke euskarari beharrezko izateko beharra. Alegia, kasu honetan, kapital ekonomikoa. Hau da, diru iturri izango litzateke enpresan pribatuentzat langile euskaldunak kontratatzea. Kapitala aipatu dugu, kasu honetan zentzurik literalenean, ekonomikoan. Baina hizkuntzek bestelako kapitala ere behar dute izango badira. Demagun, kapital kulturala eta linguistikoa. EAEn, euskarazko hezkuntzak lortu du kapital linguistiko eta kulturala izatea, ikasketak euskaraz egiteak kapital kultural bat ematen diolako ikasleari, ez horrela gaztelera hutsez ikasteak. Alegia, gurasoen euskalduntasuna, are euskaltzaletasuna gora behera, haurrak euskarazko lerroan martrikulatzearen arrazoietako bat bada ikasketak euskaraz egiteak, gazteleraz ez bezala, kapital linguistiko-kulturala dakarrela berarekin. Kapital gehiago ere badira, kapital emozionala, demagun. Eta hori gehiagoa da euskararen aldeko kontzientzia. Baina kontzientziak bere mugak ditu, euskalzaletasunak dituen bezala. Denok ez gara euskaltzale, eta zail da euskaldun guztiak –eta ez-euskaldunak– euskaltzale izatera irits daitezkeela sinestea. Hori beti izan da horrela. Joandako garaien mitifikazioan erortzea ez da komeni, eta orduko hartan, 60ko hamarkadako berpizkundean, kontzientziadunak, militanteak, euskaltzaleak gutxiengo ziren. Besterik da euskarak lortu zuela kapital sinbolikoa bereganatzea, besteak beste, euskararen borrokak asmatu zuelako orduko gizarteak bizitzeko behar zituen balio eraldatzaileak euskararen sinonimo egiten: askatasuna, demokrazia, kultura, modernitatea, berdintasuna. Kapital sinbolikoa non du zertan du euskarak gaur? Uste dut galdera hori ere egin beharra dugula. Euskarak ze kapital dakar bere baitan? Ekonomiko, linguistiko, kultural, sozial eta sinboliko? Zer eskaintzen du? Jendeak, eguneroko bizitzan, eta euren seme-alaben edo ondorengoentzat desio duten gizarte horretan non dago euskara? Euskarak eskaintzen du mundu hobeago baten ikusmira? Nola egingo dugu euskara kapitalez janzteko? Estutu bat! (LOREA AGIRRE DORRONSORO kazetaria, antropologoa eta Jakin aldizkariaren zuzendaria da) Euskara eta kapitalismoa Gilen Mejuto Kaixo, Patxi. Gaiaren gainean ezer gutxi dakidala, baina arazoak barruan pizten didan grinak bultzatuta, agertu nahi dut beste ikuspegi bat ez dudana aurkitu ez zure artikuluan, ez iruzkinetan (agian gaingiroki eta ez osorik irakurri ditudalako). Atentzioa eman dit ekarri diguzun Fishmanen aipu honek: “Herri hau euskalduntzen bada, eliteak aldatuko dira. Oraingo eliteek, lanpostu onak dituztenek, boteredunek, botere hori konpartitu edo galdu beharko lukete, botere hori gaztelaniaren bidez lortu eta mantentzen dutelako. Beren bizimodua espainolez zertu da eta beren nortasuna gaztelania da; gaztelaniaren erabilera zehatzean oinarritzen da. Orduan, eliteen aldatzeak erresistentzia ekarriko du, eta erresistentzia hori gatazkaren arrazoia izango da”. Horren harira, hainbat galdera bururatu zaizkit: * Existitu al daiteke "elite ekonomiko euskalduna" bezalakorik, ala terminoa oximoron bat da? * Kontua zein da, beraz, eliteak aldatzea edo eliteak desagerraraztea? * Benetan uste ote dugu euskara --hau da, 500 mila hiztun oso baino gutxiago duen hizkuntza bat-- izan daitekeela aintzat hartzekoa etekin eta hazkunde etengabearen zibilizazio honetan? * Topatu ote du azkenean euskarak, kapitalismoaren fase honetan, bere akabuko etsaia? (GILEN MEJUTO itzultzailea da) Elefanteak eta bestelako fauna Jasone Mendizabal Irakurketa luze, zabal eta sakona egin du Patxi Saezek bere artikuluan, eta proposamen zehatza egin digu euskaltzaleoi: zorriei begira gelditu gabe, hel diezaiogun elefanteari! Lan mundua euskaldundu beharra dugula iradoki digu, hezkuntzan inbertitutako ahalegin eta baliabide guztiak alferrik gal ez daitezen eta euskarak garabide indartsuagoa izan dezan. Ukaezina da Patxi Saezek egiten duen gogoetak baduela egiatik asko eta lan mundua euskalduntzea lortuz gero euskararen garapen bidean jauzi kualitatibo handia emango genukeela. Hortxe dago elefantea eta ez ditut berriro hona ekarriko Patxi Saezek bere lanean ondo aletutako datuak. Euskal enpresa sarearen gorputz osotik, euskara planak dituztenen proportzioa txikiegia da eta lana eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko gai direnen kopurua, berriz anekdotikoa. Horixe da errealitatea. Bi hari muturri heldu nahi nieke, ezer berririk gehitzeko baino zenbait ideia azpimarratzeko: * Lehenik eta behin elefante horri heltzeko ditugun tresnei erreparatu nahi nieke. Zein baldintza ditugu elefanteari heltzeko? Zein indar dugu? * Bigarrenik, zoologikoan zorri artean beste elefanteren bat, errinozeroren bat edota lehoiren ba egon ote daitekeen aztertu nahiko nuke. Lehenengo puntuari helduta, argi dago, gure haur eta gazteen lan aukerak nagusiki gazteleraz gauzatzen badira, gazteok euskalduntzen inbertitutako baliabideak zulo beltzean galtzen direla. Oro har, albokoa da euskara lan munduan, are, eremu zabal batetan ikusezina. Lan munduan erdarenak dira boterea eta prestijioa. Hezkuntza munduan belaunaldi berriak euskalduntzeko ahaleginak deskonektatuta daude, gazteek beraien eskolaz kanpoko bizipen hurbilenekoekin, zein etorkizunerako izan ditzaketen bizi proiektuekin. Beraien eredu diren helduak maizegi erdaraz mintzatzen dira eta lanerako ez dute euskararik behar kasu gehienetan. Azken hamarkadatan era berean, lan mundua euskalduntzeko metodologian eskarmentu polita metatu da, gizartetik bultzatutako ekimenei esker alde batetik eta bestetik instituzioek emandako babesari esker. Lan munduan eragiteko profesional sare zabala dugu eta nondik eragin daitekeen pista garrantzitsuak eman ahal dizkigute hauek guztiek. Baina oso mugatua da eragin eremua. Patxi Saezen lanean haragoko lana proposatzen da eta horretarako baliabide gehiagoren beharra aldarrikatzen du: enpresengan benetako eragina izango duten pizgarriak martxan jartzea. Esango nuke, enpresa gehienek ez dutela beraien burua behartuta ikusten euskara planak martxan jartzera. Enpresa gutxi batzuek beraien borondatez abiatzen dituzte plan hauek; enpresen borondatea da bide urratzaile, baina haragoko obligaziorik ez da somatzen. Patxi Saezek aipatutako pizgarriak ez ezik, obligazioak ere ezarri litezkeelakoan nago. Eusko Jaurlaritzako industria sailak enpresa sektoreen dinamizaziorako bideratzen dituzten dirutzatan ezartzen al da hizkuntzaren ikuspegitik baldintzarik? Ingurunea zaintzeko baldintzak dauden moduan, gizarte erantzukizunak hizkuntzaren gaia ere hartu beharko luke kontuan. Kalitateari erantzuten dio hizkuntza kudeaketak eta kontsiderazio hau orokortzea garrantzitsua litzateke. Bestalde, instituzioen enpresa hornitzaileei ere baldintzak eskatzea ez legoke sobran. Enpresekiko harremanetan ditugun araudiak berrikusteak eman liezaioke euskalduntze prozesuari bultzada bat. Honetaz guztiaz, sektorean eragiteko lanen dabiltzan profesionalek pista asko eman liezazkigute. Aukerak baditugu, baina Patxi Saezek ondo jaso dun bezala badugu korapilorik ere: erresistentzia handiak izango lituzke honelako politika ausart bat abian jartzeak. Eliteen aldatzeko dinamika ekarri zaigu gogora Joshua A. Fishman-en aipuarekin. Eta nago erresistentzia hauek momentu honetan oso handiak izan daitezkeela. Hizkuntza politika eraginkorragoa izango badugu, politikarien arteko adostasun zabalago eta indartsuagoak ez ezik, gizarte giro aldekoagoa eta konpromiso maila altuagoa hartzeko prest dagoena ere beharko ditugu. Nago, horrek prozesu sakon bat eskatzen duela neurriak hartzearekin batera. Gizarte eztabaida sakon batetatik abiatu beharko genuke, honelako neurriek bidea egingo badute. Badugu hau guztia aurrera eramateko estrategiarik? Bigarren puntuari helduta, gogora ekarriko dut gure haur eta gazteek lo zein eskolan igarotzen dituzten zortzina ordu horiez gain, eremu librean beste hainbeste ordu igarotzen dituztela. Euskaraz funtzionatuko duen lan munduaren etorkizuneko perspektiba, izan liteke gure gazteentzat gai motibagarri bat, zalantzarik gabe. Gazteengan euskara menperatu beharra ekarriko lukeen trakzio eremu funtsezkoa izango litzateke lan munduarena, bai horixe. Aurrez aipatu dut etorkizun hori lortzeko prozesu sakon baten beharra irudikatzen dudala eta beraz, goizetik gauera nekez ikusiko dugula eskenatoki hori. Esan beharra daukat, nahiago nukeela honetan okertuko banintz. Nago lan mundua euskalduntzeko beharko dugun estrategien bateria prestatu beharko dugula eta prozesu honek bere denbora eramango duela. Baina bitartean eta paraleloan, gure haur eta gazteen etorkizuneko perspektiban ez ezik, beraien orainean ere kokatu beharrean gaudela uste dut. "Orain eta hemen" da haurtzaro eta gaztaroko bizipenen helduleku nagusia eta "orain" horri edukia ematen dion momentuko bizipenak eraikitzen du pertsonon nortasun eta ohitura multzoa hein handi batetan. Esango nuke hemen badagoela elefantearen beste bikotea edo lehoia, edo fauna esanguratsu honetan arreta berezia eskatzen duen animalia: Eskolaz kanpoko eremu libre gertukoenean eragin beharra. Arrue proiektuaren ondorioetako bat honakoa da: 8-12 urte bitartean aldatzen direla haurren hizkuntza ohiturak. Interesgarria litzateke aztertzea eskolaz kanpoko jardueren artean zenbat diren euskaraz eskaintzen direnak. Zenbat musika eskola, kirol jarduera, aisialdiko eskaintza, kultur emanaldi, bideo joko,... eta abar diren haur eta gazteek euskaraz jasotzen dituztenak eta zenbat ditugun euskalduntzeko. Eremu honetan ere hizkuntza politikan aurrera pausu handiak eman genitzakeela uste dut eta ziurrenik erresistentziak txikiagoak izango genituzke. Hel diezaiogun bada! Bukatzeko eskerrak eman nai dizkiot hemendik Patxi Saezi egindako proposamen ausartagatik, etorkizunerako helburu berri partekatuak behar ditugu, lehentasunak adostu eta horietan indarrak batu. Ekarpen ederra izan da Patxi Saezek oparitu diguna. Eztabaidarako oinarri polita eskaini digu, bai bere artikuluan jasotako edukiekin eta baita horrenbeste lagun gogoetan dantzan jartzearekin. Mila esker eta segi fin! (JASONE MENDIZABAL ALTUNA Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko zuzendaria da) Garia eta garagarra Juan Inazio Hartsuaga Eman dezagun gari soro bat lortu nahi dugula. Lurra prestatu ondoren hazia eskuratzen dugu eta hortxe hasten da kalapita: Batzuk hura garia dela, eta beste batzuk berriz, ezetz, hura garagarra dela. Ez eta bai, ezin ados jarri, azkenean hazi hura ereitea erabakitzen dugu eta zain geratzen gara lurrak zer emango duen, eztabaida zaharra behingoz epaitzeko. Udaberriarekin, laboreak garagarra ematen duela ikusten da eta uzta biltzeko garaian ez dago zalantza izpirik, ez eta eztabaidarako zirrikiturik: garagarra da. Garia zelakoan erein zutenek bi aukera dituzte orduan: oker zebiltzela eta erein zutena garagar hazia zela aitortu, ala, haiek gari hazia erein zutela tematu eta errua aldaketa klimatikoari, erradioaktibitateari edo ozono geruzaren mehetzeari egotzi. Parregarri, ezta? Patxi Saez-ek berriki, erabili.eus orrian euskararen etorkizunari buruz argitaratutako artikulu bikainean, garia eta garagarraren kontua gogora arazi didan zerbait sumatu dut, bai bere planteamenduan, bai eta bertan jaso dituen ekarpen gehienetan ere. Euskararen alde egundaino burututako ahaleginen balantzea egiterakoan, honelako mezua jaso dut nahiz garbi, nahiz lauso: Asko aurreratu dugu hainbat arlotan (irakaskuntzan) eta orain arazo berriak sortu dira eta horientzat errezeta berriak asmatu behar ditugu, arlo berrietan aplikatzeko (lan mundua, eliteak, e.a.). Ez dut topatu, ez aski esplizituki adierazita behinik behin, arazo “berri” horiek, aurrerapen handiak bezalaxe, orain arte egindako ahaleginen frutua direla. Alegia, garagarra eman badigu lurrak, garagar hazia erein genuelako izan dela.Alegia, gaurko ajeak ez direla zerutik etorri, garatutako politiken eta hartutako erabakien ondorio direla, lorpenak ere halaxe diren neurri berean. Gari uztarik ez badugu bildu, garagar hazia erein genuelako izan dela, alegia. Ez ozonoaren geruza edo aldaketa klimatikoagatik. Auzia ez da broma. Eta helburua ez da zor zaharrak kobratu eta erruak banatzen hastea. Kontua da sorojabeak oraindik ez dituela agian labore haziak ongi bereizten eta hurrengoan zekalea edo oloa biltzeko arrisku larria dagoela, garian zain gaudelarik. Okerrean tematzea, aldez aurretik uste daitekeena baino askoz ere sarriago gertatu ohi da eta autokritika hotsik hain gutxi entzutea ez da iragargarri lasaigarria. Gaizki zer egin den (nire iritziz, noski) ez dut orain eta hemen aipatuko, alferrekoa delako entzuteko prest ez dagoenari ezer esatea. Hasierako gogoeta aldarrikatuko dut besterik gabe: Gaurko ajeak, hartutako erabakien ondorio dira, gaurko lorpenak diren bezalaxe. Ez dezagun bakarrik pentsatu zer utzi dugun egin gabe. Pentsa dezagun baita ere zer egin dugun gaizki. Jarrera horretan egonez gero, askoz emaitza hobeak lortuko ditugu eta. (JUAN INAZIO HARTSUAGA URANGA antropologoa da) Urrats garrantzitsuak emateko gogoa badago Arkaitz Zarraga Ederra egin du Patxi Saezek artikulu bakar batekin!! Fauna osoa bildu du bere inguruan eta gainera ia denak ados daudela esateko. Artikuluaren beraren dohainak ugariak dira: ekarpengile guztiek onartua da argia, indartsua eta zuzena dela. Ahalegina egiten duela lehentasunak markatzeko, edo behintzat lehentasunak markatu beharra mahai gainean jartzen duela…. Adostasun handia lortu da ardatz nagusien inguruan aspaldiko partez. Seguruenik sakontzen hasiko bagina, desadostasun ugari ere agertuko lirateke, baina hainbat konturen inguruan ados gaudela ikusi ahal izan dugu eta hori, berez, gauza handia da! Argi geratu da, besteak beste, urrats garrantzitsuak emateko gogoa badagoela. 50 ekarpenetatik gehienek azpimarratu dute salto bat emateko unea dela. Lortuko bagenu inertzia egokiak sortzea, diskurtso sendo eta erakargarriak eratzea eta zabaltzea, gidari aproposak topatzea, arlo guztietako euskaltzaleak ildo honetan lerratzea eta euren ekarpenak egitea… Nik neuk ere nire ekarpena egin nahi dut plaza honetan. Eztabaida gaietako bat izan da lana arlorik garrantzitsuena den ala ez. Batzuek garrantzi handiagoa ematen diete hurbileko funtzioak betetzen dituzten esparruei, baina gehienek pisu handia onartzen diote lan-munduari, eta gehienek onartzen dute euskararen normalizazioa multifaktoriala dela. Hizkuntza nagusiak ez dira arlo hurbilenetatik desagertzen hasten, “goi mailakoetatik” baino. Izan ere, arlo horiek besteengan eragin handiagoa dute alderantziz baino. Berreskurapenean ere, beraz, berebiziko garrantzia eman beharko litzaieke. Dena dela, arlo horiei indartsuago eragiteak ez du esan nahi beste arloak aparkatu behar direnik. Patxik esan bezala, “bada garaia orain arteko esku-hartzeei eutsiz, heldu aroko jardun esparrurik nagusienean ere, lan-munduan hain zuzen ere, eraginkortasunez jarduteko”. Mikel Zalbideri emandako erantzunean ederto azaltzen du Patxik lan-munduak bestelako esparruetan duen eragina. Izan ere, kirol monitoreak langileak dira, dendariak langileak dira, aisialdiko arduradunak langileak dira, administrazioetakoak, komunikabideetakoak... Zonalde euskaldunetako langileak gehienetan lanean dira erdaldun inon badira, eta erdara hori herrira eramaten dute. Nik esango nuke arlorik garrantzitsuenetakoak direla hezkuntza, lan-mundua eta komunikabideak, duten izaera irradiatzaileagatik eta egunean eskaintzen dizkiegun ordu kopuruagatik besterik ez bada. Gainera, duten egituraketagatik, plangintzak eratzeko aukera handiak dituzten arloak dira. Baina, arloak bezala, lurraldeak ere eztabaidagai izan dira. Batzuek zonalde euskaldunak bereziki zaindu beharra lehenesten dute; arnasguneak babestu beharra. Beste batzuk “euskara salbatuko bada Bilbon salbatuko da” esalditik hurbilago sentitzen dira. Arloekin gertatu bezala, batak ez du bestea kentzen. Baina nik hutsune handia ikusten dut zonalde “ez-euskaldunetan” eta, zalantzarik gabe, horietan asko dugu irabazteko. Eta hor irabazitakoak eragin zuzena izango du nagusiki euskaraz bizi diren herrietan. Gazteak eta zaharrak ere aztergai izan dira ekarpen-idazlan batzuetan. Nik argi ikusten dut gazteei begira politika berezia sortu behar dela, euren interesak kontuan hartuta, hizkerak errespetatuta, liderrak sustatuta... baina ez da egia lan-mundutik deskonektatuta bizi direnik. Argi eta garbi gazteei zuzenki eragiten die lan-munduak. Hizkeraren kalitateari lotutako kontuak ere hausnarketa-gai dira. Zenbait zonaldetako euskaldunen gaitasun komunikatiborik ezak, euskaldunberri/euskaldunzahar binomioa… Euskara mehea ote den, aberastasuna galtzen ari ote den kezka agerikoa da. Hala ere, “zuzentasunari” eta “jatortasunari” erreparatu beharrean “egokitasunaren” aldeko joerak nagusitzen ari dira azken aldian. Gainera, gaitasun komunikatiboa deskribatzeko egiten ari diren ikerketak ere lagungarri ditugu afera horri subjektibotasunetik barik zientifikotasun apur batez begiratzeko. Gai horri zuzenean loturik dago, nire ustez, Patxik Euskaltzaindiari egindako deia. Euskaltzaindiaren lehen aldia corpusari begira egon da, eta lan hori beharrezkoa zen. Baina Patxik proposatzen duen bigarren aldi horretan estatusari eta erabilerari begira egongo da Euskaltzaindia. Horrek bidea emango digu corpusaren lanketan egindako bideaz hausnartzeko. Zuzentasunak eta arauek protagonismo handiegia izan badute, corsea apur bat askatzeko aukera ere izango dugu. Hiztun tipologia berrien ahotan eta testuinguru berrietan, hizkuntza-aldaera berriak sortuko dira, hizkera berriak, testuinguru bakoitzerako egokiak, nahiz eta batzuetan guztiz zuzenak izan ez. Beste Bai Euskarari antzeko bat behar dugu zalantzarik gabe, inflexio puntu berria. Eta, Erabiliko idazki hauei begiratuta, esan daiteke badirela gogoa eta gaitasuna horretarako. Egia esan, faltan ikusten dudana ilusioa da. Bai, arraroa da baina hori esango nuke, alegia, gogoa bai, baina ilusioa eta ausardia falta direla. Seguruenik aurreko porrotek eragin dute ausardia falta hau. Baina, zergatik irten zen txarto 98ko saiakera? Labur-labur esango nuke ilusioa bai baina behar besteko gaitasuna eta gogoa faltatu izan zirela. Ilusoen ilusioa izan zen. Euskaltegiak, adibidez, futbol zelaietako jaira eta bai, baina benetako plangintzen egituraketara ez ziren bildu. Ikastolak eta ikastetxeak ere berdintsu. Esango nuke, diagnostiko bat egitetik haratago, sektore eta zonalde gutxik erantzun ziotela behar bezala jarritako demari. Plangintza eraginkorrak egiten ez dugu asmatu oro har. Pruden Gartziak esaten du norbanakoak euskalduntzean egon dela akats nagusia, zerbitzuak euskalduntzera jo behar genuela. Gainera, sektore publikoan izandako porrota pribatuan errepikatzeko arriskuaz ohartarazi du. Baina, zergatik izan da ba porrot hori? Ba euskalduntzeko erabilitako metodologiek ez dutelako emaitza onik eman. Hizkuntza eskakizunen inguruan ardaztutako prozesuak izan dira eta horrek, zalantzarik gabe, ez du funtzionatzen. Euskaltegien jardunbidea erabat baldintzatu dute eta, ondorioz, euskaltegiak tortura-gelak bilakatu dira jende askorentzat. Euskaltegira joatea ez da batere erakargarria. Eta , jakina, emaitzak ez dira onak izan. Eskola mundua euskaldundu dela esaten da, baina nola? Zer irakatsi diegu IRALEtik euskaltegietara etorri diren irakasleei? Ba nagusiki iritzi artikuluak eta alkateei gutunak idazten. Gero ahozko gaitasun komunikatiborik ez dutela kexatu gara! ! Gaur egun klaseetara joaten diren %80tik gora euskara lanerako beharko dutelako bertaratzen dira. Baina euskaldun horiek euren testuingurua kontuan hartu gabe “euskaratzen” dira. Titulu baten bila joaten dira eta horretara begirako ikas-prozesua bilatzen dute. Baina, “Perfilek”, nola eragin diote irakaskuntzari? nolako euskaldunak sortu ditugu, nolako motibazioa dute? Sarritan azterketak eta euskaltegi aspergarriak dira hizkuntzaren irudia (euskara=perfila). Hori da, batez ere, zonalde erdaldunetako jendeari eman dioguna. Beraz, kontua da testuinguruak euskalduntzea, norbanakoak horren baitan hartuta. Testuinguruak lurraldeak zein arloak izan daitezke. Baina euskaltegiak ez dira horretara jarri. Ikasgeletan ikasleen zain jarraitzen dute nagusiki. Bada garaia txip hori aldatu eta testuinguruetan presentzia handitzeko. Aipatu izan da zenbait enpresatan eta administraziotan teknikari ibili direnek ezagutza ere metatu dutela plangintzen garapenetan. Baina, askoz plangintza gehiagori erantzuteko nahikoa langile badago Elhuyar, Emun, Artez eta antzekoetan? Euskaltegietan bai, ordea. Irakasle ejerzito bat badugu eraginkorki aritzeko prestatu eta doitu beharko litzatekeena. Hori bai, lan handia dago doikuntza horretan. Euskaltegien egitekoak enpresetan, komunikabideetan, aisialdian zein lurraldekako politiketan eragitera bideratu beharko lirateke. Aspaldi ari gara batzuk hori aldarrikatzen, bai eta perfilen lokarritik askatzea ere. Uda honetan ere horretaz aritu gara Baionan, UEUk antolatutako udako ikastaroen baitan. Baina, jakina, horrek eraldaketa sakona eskatuko luke euskaltegien antolaketa moduetan, prestakuntzan eta ebaluazio sistemetan. Argitaratu berri den HEOC (Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculuma) ondo interpretatzen badugu, ezin tresna hobea dugu horretarako. Bertako ikuspegi didaktikoa testuinguruak interpretatzera begira jartzen gaitu eta ikasleak testuinguru horien erdigunean jartzera, helburu jakinei erantzuteko euskalduntzera. Baina gainera, euskaltegietako irakasleek eragin zuzena izango genuke hizkuntza paisaian, dokumentuak euskaratzen eta egokitzen, hizkuntza bera lantzen… Eta garrantzitsuena dena, gure presentziak euskararen erabileran eragin zuzena izaten du. Beraz, pentsa beharko genuke irakasle izatetik eragile izatera pasatu beharko ginatekeela. Eskolak eman bai, baina bestelako lanak ere bai. Horrela jarduteak, gainera, beste alde positibo bat ere badu. Ikasleak plangintzaren baitan trebatzeak abantaila ugari izaten du. Euskalduntzen ari diren horiek eraldaketaren protagonistak sentituz gero, motibazio egokia izaten dute, modu signifikatiboan ikasten dute eta gaitasun handiagoa garatu. Euskararen aldeko diskurtsoek ere sarbidea izaten dute esparru horietan guztietan eta erresistentziak neutralizatzeko aukera izaten da. Gerora, gure ikasleak herri euskaldun batera joaten direnean erosoago sentitzen dira eta, batez ere, ez dira euskaraz bizitzeko oztopo izaten. (ARKAITZ ZARRAGA AZURMENDI Basauriko euskaltegiko irakaslea, trebatzaile lanetan) Godzilla Karlos Gorrindo Etxeandia Ez dakit non bizi naizen, Indian edo Afrikan, Panyapen edo Nakurun. Euskal Herrian, behintzat, ez. Etxe arrunt eta lehen munduko batean bizi beharrean ere, Nakuruko egurrezko etxola batean bizi naizela dirudi. Etxetik bertatik ere elefanteak ikusten baititut. Txiki-txikiak, kasu honetan, baina patariak, azken finean. Kalera atera eta, dedio! Hau da sabana luze-zabala hau! Aurrera-atzera eta alboetara begiratu eta den dena elefantea. Tamaina guztietakoak daude, egon ere. Baina handiak dira nagusi, eta elefante barik, mamut dirudite. Ez dago bat eta bakarra, ezta inondik ere! Asko dira gure herrian aurrera-atzera dabiltzanak eroso, ezelako gupida eta lotsaizunik gabe. Solte-solte dabiltzanak gune nagusi hauetan dihardute barrabaskeriak egiten (esaten). Badakit Gernika-Lumo Gernika-Lumo dela, baina ez nenbilke oker hemen ematen diren datuak estrapolatuko banitu Euskal Herri guztira, entzunak entzun eta zenbakiak zenbaki. Datu estatistiko argigarri bat baino ez. Klusterrak 2011n egindako azken azterlan soziolinguistikoaren arabera, Gernika-Lumon % 48,9k darabil euskara. Eustaten (2006) datuen arabera, %67,87 ginen euskaradun-euskaradun garai hartan. Datu aseptiko hutsak baino ez dira. Eta uste dut errealitatea ezkutatzen dutela. Degenerazio profesionala izango da, pertsekuzio mania, neurosi obsesiboa edota tripalak, baina nik entzuten dudana kalean ez dator bat estatistikekin. Baina gatozen harira eta has gaitzen eremuak zehazten. * Irakaskuntza: aurrerakada nabarmena eman da urteetan zehar zalantzarik gabe, baina gaur da eguna ikastetxeetako lau hormetatik kanpo liberatuta ikusten dutela beren burua ikasleek euskara erabili behar izatearen zama neketsutik, eta gaztelaniaren sendabidea hartzen dute, mundu guztiak darabilen hizkuntza berba egiten ere badakitelako. Eta ahoko mihia hitz arrotzek trabatu barik, eroso-eroso entzuten zaie gaztelania mordoiloan. Eta zoritxarrez, gaztelaniaz hasten diren adina gero eta txikiagoa da. Garai batean 14 urterekin hasten ziren. Eta gaur da eguna 5-6 urterekin duten zaletasuna beldurtzeko modukoa dela (ikastolako datuak dira). * Lan mundua: egia erdi berdaderoa da dioenean Patxik irakaskuntzan bildutako indarrak indargetzen direla lan mundu erdaldunera jauzi egitean. Baina ez dakit bada, Patxi, erdararako hautua lan munduan murgildu orduko ematen ez ote den. Ikastetxea utzi eta kale zabal askea zapaltzen dutenetik ez ote den gainbehera hasten. * Aisia eta kirola: bai, badakit, gure umeak eta nagusiak enpresa pribatu baterako lehen urratsa eman eta enpresa horretako arduradunek sentsibilitate txikiena ere ez dutenean euskararekiko, joera normala dela gure haurrak eta nagusiak erdararen amaraun sarean erortzea, hain dira eragingarri eta moldagarri. Jakin badakite euskararik, baina nekez erabili. Udal kiroldegian eta klub pribatu kontzertatuan jasotako datu pertsonalak baino ez dira. Kezkagarriak benetan. * Kalea: hauxe da nire ustez plantigradorik handien eta izugarriena, haiek ikusi eta begiratu soilak praketan kaka eginarazten dizutenak. Kalea librea da, loturarik gabekoa, norbanakoaren kontzientziaren eta aukera askearen gunea, inposaketarik onartzen ez duena, eta eroso eta airoso sentiarazten zaituena. Eta norberaren askatasunaren aurrean, libre albedrioaren aurrean, norberaren autonomia eta soberania dago. Eta kasu honetan pizgarriak eta lege babesa baino zerbait gehiago behar delakoan nago erabilera normalizatua zabal dadin zoko-moko guztietara. Baina argi daukat gauza bat eta honetan bat nator Patxirekin: Euskaltzaindia eta Eusko Jaurlaritza beharrezko dira auzi honetan euskarari birikietan geratzen zaion haize poxia indartuko badiogu. Eta bat nator Mikel Irizarrekin ere: Estatu (gabeko) arazotzat hartu behar da euskararen auzia; bestela, Irlanda bis bilakatzeko arriskua du Euskal Herriak denbora gutxi barru. (KARLOS GORRINDO ETXEANDIA Gernika-Lumoko euskara teknikaria da) Nor gara, egiten duguna izateko? Manex Agirre Patxi Saezek, Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak, ariketa interesgarria egin du sarean. Artikulu bat idatzi, euskalgintzan erreferentzia diren hainbat laguni bidali, eta joan-etorriko mezu sorta osoa jarri du erabili.eus atarian, brausta. Lan munduari adarretatik heltzea proposatzen du, funtsean. Baina beste hainbat gauza ere: tartean, euskalgintzak bizi omen duen bidegurutze-egoeraren errudun nagusienetako bat, hau da, egitura-lidergoaren eta erreferentzialtasunaren gaia. Patxik Euskaltzaindiari jaurtitzen dio hordagoa, zuzen: zuena da, bai euskaltzaleen eta bai euskaltzale ez direnen artean, historikoki prestigio eta autoritate handiena duen erakundea, beraz, orain arte euskararen corpusa planifikatzen egindako lanarekin batera, hartu estatusa planifikatzeko lana ere. Eskaera zuzena da, ausarta. Inguruka ibiltzen eta teorizatzen espezialista gara herri honetan: eskertzen da publikoki era horretako adierazpenak egitea, “boutade”tzat hartzeko beldurrik gabe. Egiten duguna garela onartzen goaz, apurka. Baina nor gara, egiten duguna izateko? Ondo artikulatuta eta egituratuta al gaude? Asmo komunak baditugula dirudi, baina ba al dago asmo horiek gauzatzeko organo komunik? Badugu “nukleo gogor” bat? Hara non, euskararen arloko hamar lagunek idatzitako Berrikasi eta berrikusi agiria zabaldu den, Patxi Saezen artikuluaren garaitsuan. Eta, hara non, “euskaltzaindiaren pareko” egitura baten beharra aldarrikatu den bertan ere, corpusean egindakoa estatusean ere egiteko eskatuz. Zerbait badabil, beraz. Interesatzen zait gaia, batez ere, azken hamarkadetan euskararen estatusaren planifikazioan erreferentzia izan ditugun egiturek gaur egun duten papera kuestionatzen duelako. Bi aipatuko ditut, gehiago ere badauden arren. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza dago, batetik, hau da: euskararen normalizazioaren ardura duen erakunde publiko gorena. Euskararen kontseilua dago bestetik, gutxi-asko, euskararen aldeko herri-mugimenduaren bozgorailu nazional nagusia. Biek ala biek, zoritxarrez, dituzten xedeak lortzeko muga handiegiak dituzte gaur egun; lehenengoak, “sailburuordetza” izaeraren zentzu literala guztiz bereganatuta duelako; bigarrenak, sortze-momentuan zuen hauspoa galdu duelako. Nor izan behar dugu, beraz, egiten duguna izateko? Nik argi dut. Herri-mugimendutik sortutako egitura erreferentzial indartsu bat behar dugu, independentea eta ahalik eta kontsentsurik zabalenean oinarritua, eta eskumen juridiko eta publikoak izango dituena. Hau da, Euskaltzaindiaren pareko zerbait, bai. Baina, mesedez: Euskaltzaindiaren antza izatekotan, izan dezala soilik autoritate-izaeran, eta ez lan-metodologian eta dinamismoan. (MANEX AGIRRE ARRIOLABENGOA Euskara teknikaria da Zuiako Kuadrillan eta Arabako 2015eko Bertso Txapelketako bertsolari txapelduna) Estreinakoz, Info7 irratiaren GUREAZ BLAI saioan uhineratua, 2015-10-30ean. Zergatik asmatu behar dugu asmatuta dagoena? Patxi Saez Beloki Manex: Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu: herri ekimena, orain baino lehen, Euskaltzaindiaren babesean ibilita dago, besteak beste, ikastolen sorrera hartan eta euskaltegien aurrekari izan ziren gaueskola haietan ere. Zergatik ez orain? Gaur gaurkoz, nire uste apalez, Euskaltzaindiak euskal gizartean duen itzalak ez du parekorik. Zergatik asmatu behar dugu asmatuta dagoena? Hobetu dezagun Euskaltzaindia eta egokitu dezagun behar berrietarako. Gainera, Euskaltzaindiak mendeurrena bete behar duen honetan, beste mugarri bat jar daiteke euskararentzat, Estatusaren Biltzarrarekin. Estreinakoz, Twitter harreman sarean argitaratua, 2015-11-31n. Beharra da agerikoa Manex Agirre Patxi: Oro har, ados. Egia esan, berdin dit zeinen barruan/zeinekin. Beharra da agerikoa. Estreinakoz, Twitter harreman sarean argitaratua, 2015-10-31n. Patxi Saezen "Elefantea ikusi" artikulua dela eta Kike Amonarriz Martxo amaieran heldu zitzaidan Patxi Saez euskaltzale fin eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariaren emaila eskaera honekin: "euskararen gizarteratzearekin lotutako artikulu bat idatzi dut eta zure iritzi-iruzkina nahi nuke". “Elefantea ikusi” du izenburutzat urriaren 13an erabili.eus-en argitaratu duen artikuluak: Euskararen aurrerabidea ziklo berri baten beharrean ikusten du Saezek. Horren gainean egindako hausnarketa eta proposamenak zabaldu ditu, bat nabarmenduz: euskararen elefantea, batez ere, lan-munduan dagoela eta hor eragin behar dela. Eta Euskaltzaindiari eskatu dio euskarak behar duen aro berri horren "gidaritza eta buruzagitza" hartzeko. Patxik gainera, aitorpen pertsonal bat egin digu: bizitzaren bidegurutze batean dago gaixotasun bat dela medio eta bere burua plazara atera beharrean ikusi du. Jaso duen erantzuna ez da nolanahikoa izan: alor desberdinetako 50 bat euskaltzale izan gara Patxiren artikulu mamitsua iruzkindu dugunak, hizkuntza politikaren inguruko hausnarketa poliedriko eta aberatsa eraginez. Egin zaizkion oharrak gainera, komentatu eta erantzun egin ditu Saezek, halako hausnarketa jarraitua sortuz. Ez daukak animo makala Patxi! Iruzkinean aipatu dudan bezala, ongi definitu du unea Patxi adiskideak: “Azken 50 urteak euskararen pizkundearen aldi bat izan dira. Oso aldi emankorra”. Hizkuntzaren normalizazio prozesuan etapa aldaketa baten erdian gaudela esango nuke, eta horren adierazpiderik nagusiena, Saezek dioen bezala, “lehendabiziko hiztun osoen belaunaldia” da. Belaunaldi gazte honek, aurreko belaunaldi euskaldunen aldean oso ezaugarri bereziak ditu: gehienek D ereduan ikasi dute, jatorriz erdaldunak dira, euskaraz alfabetatuak, batuarekin eta euskal telebistarekin jaio dira, askok ez dute euskalkirik, euskararen erabilera ofiziala ezagutu dute (hala den eremuetan), sare sozialak eta Internet euskaraz erabiltzeko aukera izan dute… baina denok dakigun bezala, askorentzat euskara ikasgela barruko edo erabilera sinboliko-ofizialetako hizkuntza da. Hiztun osoen belaunaldi hau bestalde, lan munduan sartzen eta guraso izaten hasi da. Eta beraien hizkuntza portaerek eta praktikek erabakiko dute hein handi batean euskararen garapena eta norabidea: estatu-hizkuntza normalizatuen egoerara hurbilduko gara edo Irlandako gaelikoaren ghetizazio bidea hartuko dugu? Egiten duten hautu praktikoaren araberako norabidea utziko diote oinordetzan oraindik jaio ez den belaunaldiari. Izan ere, hizkuntza egoera guztiak dinamikoak dira. Horregatik da kezkagarria hainbat esparrutan euskararen bilakaerak ageri duen “impasse” moduko egoera: kale neuketetan edo etxeko erabileran hobekuntza nabarmenik ez, euskarazko hedabideen kontsumo datuak, hainbat ikastetxe eta unibertsitateren ezintasuna erabilera sustatzeko, herrietan dinamika indartsu berri gutxi, etab. Jon Sarasuak “Hiztunpolisa” liburuan dioen bezala, euskararen “botilak zuloak ditu, betetze-erritmo jakin batetik behera ibiliz gero gehiago hustera egiten dutenak”. Alarmarik ez, baina kasu, beraz! Hori dela eta, ezinbestekoa iruditzen zait hurrengo 25-30 urteetara begira, euskararen normalizazio prozesuari bulkada estrategiko berri bat ematea eta urte hauetan guztietan administrazioan eta euskalgintzan sortu diren inertziak astintzea. Euskarak jauzi kuantitatibo eta kualitatiboak behar ditu: ezagupenetik erabilerara, periferiatik erdigunera, irakaskuntzatik lan mundura, gelatik kalera, ohikotik berrira, 2. hizkuntzatik 1. hizkuntzara, gune euskaltzaletatik gizarte osora. Zentralitatea eta lehentasuna behar ditu, bai agenda politikoetan eta baita eragile desberdinen egitasmoetan. Horretarako klabe nagusi batzuk aipatzen ditu Patxik: ”botere-egituren erabakiak, agintari politikoen arteko adostasuna, eliteen aldaketa...” Eta lan-munduan jartzen du arreta nagusia “horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia”. Saezek artikuluan aipatu dituen puntu gehienekin ados banator ere, ñabardura garrantzitsua egin behar dut baieztapen honen inguruan: Problema nagusia baino, problema nagusietako bat dela esango nuke. Irakaskuntzarekin batera, hiru eremu estrategiko ikusten baititut: erabilera ez formalari dagokion eremu zabala (etxea, eskolorduz kanpoko jarduerak, aisia…), kulturgintza eta hedabideak (sorkuntza, eskaintza, kontsumoa, sare-sozialak…) eta Patxik dioen bezala lan-mundua. Artikuluak eragin duen eztabaidan, hauxe izan da, hain zuzen ere, eztabaidatu den puntu nagusienetako bat. Eta hortik aurrerakoak jakin nahi badituzue, Patxi Saezen “Elefantea ikusi” artikulua irakurri eta animatuz gero, iruzkinak egin. erabili.eus web gunean. Mila esker, Patxi. Besarkada bero bat eta eutsi goiari! (KIKE AMONARRIZ GORRIA soziolinguista eta komunikatzailea da) Estreinakoz, Info7 irratiaren GUREAZ BLAI saioan uhineratua, 2015-11-04an. Egungo gazteak, euskal hiztun osoak? 2015-11-11 / 10:34 / JJ Agirre Kaixo, Kike: Patxiren ekimenak eta Erabilik berak patxadazko eztabaidarako aukera paregabea eskaintzen digute, eta probestuko dut. "Lehendabiziko hiztun osoen belaunaldia da. Belaunaldi gazte honek,... gehienek D ereduan ikasi dute, jatorriz erdaldunak dira, euskaraz alfabetatuak, batuarekin eta euskal telebistarekin jaio dira, askok ez dute euskalkirik, euskararen erabilera ofiziala ezagutu dute (hala den eremuetan), sare sozialak eta Internet euskaraz erabiltzeko aukera izan dute… baina denok dakigun bezala, askorentzat euskara ikasgela barruko edo erabilera sinboliko-ofizialetako hizkuntza da" diozu. Bada, nire ustez, egungo gazteena (euskal) hiztun osoen belaunaldia dela esatea, asko esatea da. Erdal hiztun osoak badira, hori bai, baina euskal hiztun osoak? Beharbada herri/eskualde oraindik nagusiki euskaldunetan bai, baina geien-gehienetan, hots, herri/eskualde erdaldunduetan, gazteak ere ez dira euskal hiztun osoak, salbuespenak salbu. Gertuko adibide bat jarriko dizut: nire seme-alabena, Altsasun, eremu ustez baskofonoan txertatutako herri zeharo erdaldundu batean. Gure txikiak erdara ondo menderatu gabe (etxean euskaraz bizi gara ahal den neurrian) bidali genituen ikastolara (D eredu publikoarekin alderatuta, Altsasun, eskola giroa dezente euskaldunagoa delako). Lehen ikasturtea amaituta, hobeto zekiten erdaraz euskaraz baino (nire desesperaziorako, jejejej). Altsasuko ikastolan (eta beste askotan ere bai) haurrek erdaraz egiten dute euren artean gelaz kanpo... eta gela barruan ere bai. Ez naiz luzatuko honetan, baina neurtuta ere badago (zabalduta ez, ordea). Areago, alabaren gela ikastolako "euskaldunenetakoa" omen (irakasleek dixit), baina ia-ia guztiek ("ia-ia" ez dakit zergatik jarri dudan...) hobeto menderatzen dute erdara euskara baino, eta gutxi batzuk baizik ez dira euskarari eusten saiatzen direnak. Hiztun osoak izatekotan, erdaraz askoz osoagoak dira euskaraz baino. Eta erdaraz bizi dira oso nagusiki, ez gurasoek (oro har), ez herriko kultur eta aisialdi eskaintzak, ez hedabideek,ez gizarte arauak,... ez dietelako euskarazko helduleku nahikorik eskaintzen. Semearen gela, alabarena baino askoz erdaldunagoa da (gurasoen ezaugarriak tarteko), beraz, ez naiz luzatuko berearekin. Erdaldun osoa eta konpletoa da, etxekoekin ez bada. Bere gelakide ia-ia guztien antzera (gehien-gehienen kasuan, etxean ere erdara besterik ez dute). Eta nire seme-alaben eredua da ohikoena, alde handiz, Euskal (ohi) Herrian. Beste ezaugarri batzuk ere badituzte, belaunaldihautarrok: Guraso gehienetatik ez dute jaso euskaraz bizitzearen garrantziaz, ez txaparik, ez eredurik ere. Euskara derrigortasunarekin eta ikastetxearekin lotzen dute ezinbestean. Gozamenerako eta mundura zabaltzeko erdarak dauzkate. Diskurtso politikoki "zuzenak" heda eta heda ari da, erdarak eta euskara, guztiak direla "gure" hizkuntzak. Hala izanik, zertarako nahi dugu hizkuntza txikitu, zatitu, eremu motzekoa eta erdarak baino nekezago menderatzen duguna? Kezka horiek denak sortzen zaizkit ba.... Besarkada bat! (JONJO AGIRRE MARTINEZ Hizkuntza normalizaziorako teknikaria da Eusko Jaurlaritzan) Euskaldun osoen belaunaldia Kike Amonarriz Kaixo Jonjo: Erabilitako terminologia egokia den ala ez alde batera utzita, uste dut, oinarrizko kezkak eta irakurketak partekatzen ditugula. Euskararen ezagupena orokortu egin da, nahiz eta jakin badakigun, gehienek erdaraz euskaraz baino hobeto egiten dutela, eta artikuluan aipatzen genuen bezala eta zuk berresten duzun bezala gutxi direla euskaraz egiten dutenak eskolatik kanpo. Horregatik aipatzen dugu fase aldaketarena; hobeto edo okerrago, euskaraz dakien belaunaldi horren hizkuntza praktikak markatuko duelako euskararen etorkizuneko dinamikaren norabidea, eta etorkizun hori gaur eta hemen jokatzen delako. Horregatik da ezinbestekoa euskararen gaiak erabateko zentraltasuna eta lehentasuna hartzea, gure diskurtsoak eta praktikak egoera eta aukera berrietara egokitzea eta atxikimendu soziala indartzea. Hau dena motzean eta azkar erantzunda! Besarkada bat (KIKE AMONARRIZ GORRIA soziolinguista eta komunikatzailea da) Denen inplikazioa behar da lan mundua euskalduntzeko neurriak erabaki eta aplikatzeko 2015-11-09 / 12:00 / Rober Gutiérrez Lan munduaren euskalduntzea bizkortzeko hainbat ekimen eta hausnarketa aurkezten eta bideratzen ari dira azken asteotan. Lan munduaren espazioetan eragitearen beharra azpimarratzen ari da… Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak bere 47. artikuluan dioen bezala, hizkuntza komunitate orok eskubidea baitauka bere hizkuntzaren erabilera xedatzeko bere lurraldearen barruko jarduera sozioekonomiko guztietan. Euskaraz lan egiteko, euskaraz saldu eta erosteko eta, azken batean, euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko, pertsonak ez ezik, lan munduaren espazioak ere euskalduntzea (kasu honetan enpresak, komertzioak, etab.) ezinbestekoa da. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile garelako, eragina du lan munduak gure eguneroko bizimoduan eta gure hizkuntza-jardueran. Gutako asko euskaraz ere formatu gara. Belaunaldi berriak euskaraz formatzen ari gara, baina lana erdaraz egin behar bada kasu gehienetan, zein funtzio bete behar du euskarak? Lanerako euskaraz (ere) trebatu eta gero, lan munduan euskarak lekurik ez badu, zertan ari gara? Eragin beharra dago. Alor sozioekonomikoan, gure herri eta hirietako bizitza sozialean eragin behar dugu (egoera soziolinguistikoak oso desberdinak direla ahaztu gabe). Erronkari aurre egin behar diogu, erantzukizunez. Helburuak argi, ausardiaz, bidea urratu behar dugu. Ideiak eta egitasmoak behar ditugu. Joko arauak. Sustapena eta laguntzak. Epeak ezartzea, segimendua eta ebaluazioak... Koherentzia. Aitorpena, babesa, elkarlana eta lankidetza. Konplizitatea. Aurreko guztia pentsatuko eta garatuko duten aktoreak behar ditugu eta horien arteko nahitaezko artikulazioa. Administrazioa ez ezik, enpresariak, sindikatuak, kontsumitzaileen elkarteak, euskararen sustapenean ari diren erakundeak… denen inplikazioa behar da lan mundua euskalduntzeko ezinbestekoak diren neurriak erabaki eta eraginkortasunez aplikatzeko: Normalizaziorako espazioen euskalduntzeak duen garrantziaz. Hizkuntza-politiken eta arauen funtzioaz. Enpresek eta langileek hartu beharreko konpromisoez eta behar dituzten bitartekoez edota laguntzez. Bezeroek honetan laguntzeko jokatu dezaketen paperaz… Elkarlana bideratu beharko litzateke orain arte egon diren zailtasunak gaindituta. Badakigu zer egin dugun eta zer lortu dugun… Jakin beharko genuke urte hauetako lorpenak, ikasgaiak eta metatutako aberastasuna babesten eta etorkizunerako baliatzen. Hurkoak egindakoa balioetsi beharko genuke, besteek egindako lana sistematikoki ezkutatzeko eta kontuan ez hartzeko joera atzean utzita. Horretarako, formula eraberrituak behar ditugu, egiteko modu berri eragingarriak… Eta akordioak. Akordio sozio-politikoa behar da, ondoren hizkuntza politika eraikitzeko. Fishman-ek esaten zuen bezala, akordio politikorik gabe, hizkuntza plangintza noraezean doa, han-hemen gauzatxoak eginez, baina ondorio sakonik gabe. Zenbat eta adostasun falta handiagoa, hainbat eta gutxiago egin dezake hizkuntza politikak. Adibide xume batekin bukatuko dut. Araban Euskara Lanean proiektua garatzen ari gara aurtengo martxotik. Bertan, izaera desberdineko entitateak ari gara parte hartzen (administrazioa, enpresak, euskararen inguruko erakundeak, lanbide heziketarekin lotutakoak, etab.) eta proposamenak adosten ari gara, kasu batzuetan bakoitzak bere eremuan lantzekoak eta beste batzuetan lankidetzan bideratzekoak. Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzeko eta handitzeko helburu partekatuarekin ari gara denok lanean. Elkarri aitortuz bakoitzak duen garrantzia, elkar babesten, osagarritasuna bilatzen eta guztion arteko elkarlana bideratzen. Ez da erronka makala! (ROBER GUTIÉRREZ Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria da) Estreinakoz, Info7 irratiaren GUREAZ BLAI saioan uhineratua, 2015-11-09an. Lan munduaren euskalduntzea, aukera bat da euskalgintzarentzat ere bai Petra Elser Azken garaian euskara inguruko eztabaidan bi artikulu asko komentatu dira eta sare sozialetan jarraipen handia izan dute: Bat, Patxi Saezen Elefantea ikusi – lan munduaren euskalduntze beharrari buruz mintzatzen dena, eta bestea Leire Narbaizaren Euskaltegiaren heriotza – euskaltegien egoera eta mugak aztertzen dituena. Bi gai hauek elkarrekin lotzea interesgarria iruditzen zait, aipatzen dituzten egoeren aurrean bide berriak bilatzeko asmoz. Lan munduaren euskalduntzeak, euskara hornitzaileei eta euskalgintzari oro har, enpresak eta langileen mundua hurbilago ezagutzeko aukera ematen die. Izan ere, enpresen mundutik ikasi ahal dugu gure eskaintza beraien beharretara egokitzen balio handiagoa eman ahal izateko. Enpresek bezero ezberdinak, zerbitzu edo produktu ezberdinak behar dituzte. Hori multinazionalek ondo dakite, baita autonomo eta enpresa txikiek ere. Bakoitzak daukan abantailarekin jokatzen saiatzen da. Bat produktu ezberdin ugari eskaintzen, bestea, aldiz, malgutasuna, erantzun azkar eta pertsonalizazioarekin. Bien kasuan beraien eskaintza etengabe berritzea eta egokitzea da kontua. Lan mundu pribatuak ere euskara irakasten dutenei aukera berri asko eskaini ahal dizkie. Sektore pribatuan ez da azterketarik gainditu behar. Beharrak askoz zuzenagoak dira. Erabilerari zuzendua dago hizkuntza, bestela inbertsioak ez du zentzurik. Hizkuntzaren eskaintza eta erabilera fruituak emateko bideratu behar dira: bezeroak konkistatzeko, bezero gehiago lortzeko, konfidantzazko erlazioak zabaltzeko, lantaldeak erosoagoak izateko edo enpresak nortasuna eta kokapena aurkitzeko. Enpresen beharrak antzemateaz gain, langileen ikuspegia ezagutzea ere berrikuntzaren iturri bat da. Nola ikasi nahi dute langileek erabili behar duten euskara? Zenbat ikasi nahi dute? Noiz? Duela gutxi polemika sortu duen Donostiako autobus gidarien hizkuntza eskakizunaren gaian, inork galdetu al die langileei nola ikusten duten hori? Agian ez dute azterketarik egin nahi, baina bai eskertuko lituzkete baliabideak. Beraien lanean zentratutako formazio trinko bat, bezeroekin euskaraz hitzegin ahal izateko. Ba al daude halako eskaintzak, eta iristen al dira langile eta enpresengana? Ondo azaltzen al diogu enpresari horren balio erantsia eta zorrozten al dugu gure eskaintza? Nire ustez hauek dira euskara hornitzaileok ditugun erronkak, hor daude bide berriak zabaltzeko eta eskaintza egokitzeko aukera. Lan munduaren euskalduntzea ez da soilik enpresa eta langileak euskara ikas dezaten edo erabil dezaten konbentzitzea. Lan munduaren euskalduntzea baita ere aukera bat da. Euskalgintza eta euskararen irakaskuntza, gizarte errealitate handiago bat ezagutzea aukera bat da eta lan munduaren beharrei – enpresari eta langileari– egokitzeko aukera. Bide honengatik apustu egiteak gu ere behartzen gaitu, gure zerbitzuak, produktuak, formatuak eta eskaintzak etengabe hobetzera. (PETRA ELSER Banaiz Bagara Elkarteko zuzendaria da) Estreinakoz, Info7 irratiaren GUREAZ BLAI saioan uhineratua, 2015-11-11n. Iraultza zientifiko bat behar dugu Pruden Gartzia Oso deigarria egin zait Patxi Saezek euskararen arazoa aurkezteko hautatu duen modua, alegia, esaten digu elefante bat daukagula etxeko egongelan eta hari erreparatu ordez nahiago dugula ezikusiarena egitea. Elefanteak kristonetako enbarazua egiten du, traba galanta da, baina geu hura existituko ez balitz bezala saiatzen gara bizitzen. Eta ezin da. Euskarak ez du aurrera egiten, hori da egia, hutsa, gordina, osoa. Eta ez, ez gaitezen hasi esaten botila erdi hutsik ikusi daitekeela, edo erdi beteta. Duela hamar urte hori egia zen, apika, gaur egun ez, gaur egun ez da. Gaur egun euskarak ez du aurrera egiten eta laster, ziur aski, atzeraka hasiko da. Hori ez ikustea, ikusi nahi ez izatea, etxeko salako elefantea ikusi nahi ez izatea bezalakoa da. Horra. Irakurle maitea, mila eta bat adibide jar daitezke egia desatsegin hori oinarritzeko edo gezurtatzeko, eztabaidatzeko, zalantzan jartzeko nahigo baduzu. Jende trebea dugu herri honetan, Soziolinguistikan ongi formatua, eta mila ez, hamar mila taula eta grafiko aterako dizkizute, datuak, katarata bat datu, uholde bibliko bat, beti ere botilarena errepikatzen bukatzeko, beti ohi duten bezala. Baina Patxi Saezek badaki hori ez dela egia. Eta zeuk ere bai. Bai, zeuk ere bai. Baina nik neuk gaztetan Historia ikasi nuenez gero, joera izaten dut kontu guztiak termino historikotan esplikatzeko eta, beharbada, bada ordua elefantearena nire hitz propioekin azaltzeko: iraultza baten atarian gaude. Edo, agian zintzoago esanda, nahi nuke iraultza baten atarian egotea, eta ez inboluzio baten abiapuntuan. Oraindik ere esperantza baitut herri honen gizon eta emakumeen sormenean. Zehaztapen garrantzitsu bat: iraultza zientifiko batez ari naiz, ez iraultza sozialaz edo politikoaz. Zeuri ere, Historia edo Filosofia ikasia bazara ezaguna egingo zaizu Thomas S. Khun eta bere liburu enblematikoa, Elhuyarrek 1990ean euskaraz argitaratu zuena: Iraultza zientifikoen egitura (itzultzaileak, Jesus Arrizabalaga eta Ester Mugertza). Edo izena ezaguna egiten ez bazaizu, ziur baduzula paradigma aldaketaren aditzea, edo komunitate zientifikoarena. Biak Khunek sortu edo zirkulazioan jarritako kontzeptuak dira, egun hitzetik hortzera erabiltzen direnak zientziaren alor ugarietan. Biak oso garrantzitsuak eta harira datozenak. Zeren Patxi Saezek eskatzen duena, funtsean, paradigma aldaketa bat da, alegia, eta betiko adibidea erabilita, garai batean Fisika Newtonek sortutako paradigmatik ikusten genuen, gero (XX. mende hasieran) iraultza zientifiko bat gertatu zen eta paradigma aldatu zen, hortik aurrera Fisika Einsteinek sortutako paradigmatik hasi ginen ikusten (erlatibitatearen teoria). Esan nahi ote du horrek Newton oker zegoela eta Einstein zuzen? Newtonek deskribaturiko legeak okerrak eta zentzugabeak zirela? Ez, jaun-andreok, paradigma aldaketa bat ez da hori, beste hau baizik: Einsteinek ez zuen Newton desegin, gainditu bai ordea, Fisika ulertzeko modu berri bat eskaini, zeinaren bidez aurrerakada zientifiko itzelak gertatu ziren. Zeren, funtsean, Newtonen paradigma agortua zegoen, eman beharrekoa emanda, elkortua, bizigabetua. Hitz batean, ordurako hila eta fosiltzen hasia. Patxi Saezek eskatzen duena iraultza zientifiko bat da, elefantea ikustea eta elefantearekin zer egin erabakitzea. Eta elefantea, Patxi Saezentzat, lan-munduaren euskalduntzea da. Nik neuk ere ekarri nahi nuke nire alea, agian ez garrantzitsuena, baina aipagarria. Eta elefantea, nire begietan, administrazio publikoaren euskalduntzearen porrota da, zehatzago esanda, hizkuntza-eskakizunen sistemaren agortzea. Euskarak aurrerakada itzelak egin ditu hezkuntza-sisteman baina porrot ikusgarria administrazio publikoan. Galdera baten bidez azal dezagun: bihar, bat-batean, euskaraz lan egiten duten, ez euskarazko titulua duten, baizik eta euskaraz lan egiten duten langile guztiak lanera joango ez balira, zer gertatuko litzateke? Hezkuntza-sistemaren kolapso osoa, edo ia-ia. Eta Eusko Jaurlaritzan, ordea, zertan igarriko litzateke? Ba ote da adorerik galdera horri erantzuteko? Zergatik hezkuntza-sisteman izan dugu hain arrakasta handia eta administrazio publikoan hain porrot mingarria? Erantzuna oso erraza da: batean hizkuntza-eskakizuna atera behar zelako eta ondoren euskaraz lan egin; bestean, aldiz, hizkuntza-eskakizuna atera eta gero gaztela-niaz egin lana. Hori da azalpena, funtsean. Hain zaila, benetan hain zaila litzateke erabakitzea hobe dela gure indarrak administrazioaren atal zehatz batzuen euskalduntze osoan kontzentratzea, adibidez, Hezkuntza eta Kultura saila, guztietan sakabanatuta izan beharrean emaitza positibo argirik ez erdiesteko, itzulpen-bilduma itzel bat kenduta? Konpaktazioa, esaten zuen Txepetxek, konpaktazioa. Eta amore eman behar badugu beste dozena bat sailetan, haien hizkuntza-eskakizun guztiak kenduta ere, nik pozik eta zoriontsu egingo nuke sail oso baten euskalduntzearen prezioan. Etorriko dira besteak. Etorriko dira enpresa pribatuak ere. Denboraz. Eta bai, badakit, sinplifikazio onartezina edo, areago, sinplekeria galanta irudituko zaio bati baino gehiagori. Eta jira eta buelta inkesta, grafiko eta estatistikei. Txostenak. Hitzaldiak. Jardunaldiak. Masterrak. Ezetz, jaun-andreok, ez dela hori. Iraultza zientifiko bat dela behar duguna. Elefantea ikusi. Hortxe dago eta. (PRUDEN GARTZIA ISASTI Euskaltzaindiko Azkue Biblioteka eta Artxiboko zuzendaria eta euskaltzain urgazlea da) Estreinakoz, Berria egunkarian argitaratua, 2015-11-11n. Euskaltzaindiak euskara biziberritzeko erronkak aztertuko ditu otsailean egingo duen mintegi batean Euskaltzaindia 2016ko otsailaren 12an, euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko, mintegia egingo du Euskaltzaindiak. Era horretan, Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak egindako eskaria bideratu nahi du Akademiak. Izan ere, Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbat komunikabidetan argitaratutako gutun irekia bidali dio Saezek Euskaltzaindiari eta estrategia berri baten beharra aldarrikatzeaz gain, prozesu horretan lidergoa hartzeko eskatu dio Akademiari. Hala, bada, mintegia otsailaren 12an egingo du Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan. Era berean, mintegi horretan parte hartzeko deia egin nahi die elkarte, erakunde eta pertsona guztiei, ez bakarrik entzule bezala, baita hizlari bezala ere. Hori dela eta, ekarpenak egiteko aldia zabalduko du Euskaltzaindiak: urtarrilaren 16ra arteko epea egongo da, nahi duen orok hitzaldi, komunikazio edota iradokizunak egin ditzan. Horren ostean, Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak mintegiaren egitaraua prestatuko du eta urtarrilaren azken astean ezagutaraziko du. Esan bezala, mintegia otsailaren 12an egingo da. Ekarpenak info@euskaltzaindia.eus helbidera bidal daitezke. Mintegiaren aurrekariak Patxi Saez Beloki soziolinguista eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak urrian argitara eman zuen Elefantea ikusi izenburuko artikulua. Bertan, azken 50 urteotan indarrean dagoen euskararen paradigma aldatu beharra dagoela aldarrikatu du eta aldaketa horren gidaritza hartu dezala eskatu dio Euskaltzaindiari. Ondoren, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzari bidali zizkion artikulu bera eta gutun bat ere. Zuzendaritzak gaia bideratzeko ardura Sustapen batzordeari eman zion eta batzordeak mintegia antolatzeko aukera aurreikusi zuen gaia aztertzeko egin zuen bileran. Hurrengo pausua eman zuen Saezek eta Euskararen Nazioarteko Egunaren haritik, Euskal Herriko hainbat egunkari, astekari eta agerkari digitaletan “Euskaltzaindiari proposamena eta eskutitz irekia” argitaratu zuen. Bertan euskararentzat dinamika berria sorraraztea beharrekotzat jotzen du eta euskaltzainburuari egiten dio proposamena: “Proposatu nahi dizudan dinamika berriaren erdigunean Euskaltzaindia dago. Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakunde nagusia. Gainera, erakunde neutrala eta zabala da, alderdikeriarik gabekoa eta, batik bat, euskal gizarte osoaren onarpena eta aitortza duena”. Euskaltzaindiak mendeurrena betetzear dagoela eta, honela esaten dio Patxi Saezek: “Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea: bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera pasatzeko, gune euskaltzaletatik gizarte osora zabaltzeko, azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko”. Eta honela amaitzen du: “Euskarak aurrera egiteko, gaur gaurkoz, lidergoa eta estrategien antolamendua behar ditu. Euskaltzaindia ur horietan zaildutako mariñela dugu”. Bestalde, bere proposamena “gizarteratzeko helburuarekin”, inkesta bat ere bultzatu du Patxi Saezek, jendearen iritziak jasotzeko. Inkesta ehunka lagunek erantzun dute. % 80 baino gehiago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin ados erabili.eus Euskaltzaindiari buruzko inkesta erantzun dutenen artean % 82,8 ados dago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin, euskararen gizarte erabilera bideratzeko. Eta Euskaltzaindiak lehenengo pausoa eman du: 2016ko otsailean mintegi bat antolatu du "Euskara biziberritzeko erronkak aztertzeko" eta dei egin die parte hartzeko elkarte, erakunde eta pertsona guztiei, ez bakarrik entzule bezala, baita hizlari bezala ere. Patxi Saez Beloki soziolinguistak Euskararen Egunean Euskaltzaindiari buruzko inkesta bat sareratu zuen eta hainbat hedabidetan Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia ere argitaratu zuen Euskaltzaindiari eskari zehatz bat eginez: azken 50 urteotan euskararen normalizazioa lortzeko jarraitu den paradigma berritzeko eta, aldaketa hori egin ahal izateko, gidaritza hartzeko. Euskaltzaindiak, aldiz, ohar ofizial bat argitaratu du Patxi Saezek egindako eskari horri erantzunez: "2016ko otsailaren 12an, euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko, mintegia egingo du Euskaltzaindiak. Era horretan, Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak egindako eskaria bideratu nahi du Akademiak". Inkesta Patxi Saezek 2015eko abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Euskaltzaindiari buruzko inkesta bat sareratu zuen bi galderarekin. Inkestak 554 erantzun izan ditu (datu hau 2015-12-14koa da, 09:03). Inkestaren zabalkundea egitearekin batera, Patxi Saezi inkesta jasotzaileen erantzunak ere iritsi zaizkio ePostaz: 2015-12-03, 10:56. "Hain galdera konplexuak, ñabardurarik batere gabe, eta argudiatzeko aukerarik eman gabe, pausatzeak ez du ez hanka eta ez buru. Balirudike erantzun jakin bat lortzeko formulatuak daudela. Gainera mezua anonimoa da, ez dakigu norekin ari garen, ezta gure erantzunak publiko egingo diren, edo inon erabiliko diren, gure izenarekin edo gabe. Ez nago ados gauzak horrela planteatzerekin, ez da serioa. Eta horrenbestez ez dut erantzungo". 2015-12-03, 10:59. "Berriro ni. Barka, oraintxe ohartu naiz nondik datorren eskaera. Beraz horren inguruan esana erretiratzen dut. Baina segitzen dut pentsatzen galdera seerioegiak direla bai/ez batekin erantzuteko". 2015-12-03, 11:10. "Egunon, beheko bi galderekin funtsean ados nago, bainan Euskaltzaindiak zihurtatu beharko luke, euskera arloko herri mugimendu, administrazio, eta euskal lurralde guztien partehartze orekatua. Bestalde euskeraren aurrera begirako erabilera eta lan mundura zabaltzearenaz aparte, erabilerari buruzko pare bat atalek, hildoak markatzea behar dutelakoan nago, nire inguruan behintzat: bata euskalkien erabilera, euskera idatziari dagokionean batik bat, eta bestea erdal hizkuntzetaik sartzen ari geran hitzei buruzkoa". 2015-12-03, 13:20. "Eta EZ DAKIT erantzun ahal izateko? Ez duzue kontuan hartu? ". 2015-12-03, 18:31. "Kaixo, erantzunak behean, baina biei baiezkoa eman diedala esatea besterik ez. Bazuan garaia, motel. Azken batean, helburu orokor horretarako ezinbestekoa diagu Euskaltzaindia, eta gaur egun hedatzen ari diren hamaika erabilera oker eta larri zuzentzeko ere bai. Eutsi beraz!" 2015-12-10, 07:32. "Euskaltzaindiari buruzko inkesta iritsi zaigu, eta mezu bidez erantzutea egokiagoa iruditu zait, nire iritzia argi azaldu ahal izateko. Inkesta horretan galdetu da ea Euskaltzaindiak hartu beharko lukeen euskararen erabilera zabaltzearen gidaritza, eta BAI eta EZ dira erantzun posible bakarrak, ezezkoa aukeratuz gero oharrik idazteko aukerarik eman gabe. Horregatik erabaki dut mezu bidez erantzutea inkestari. Nire ustez, Euskaltzaindiak ez luke hartu beharko gidaritza, baina prozesu horretako partaide izan beharko luke, partaide garrantzitsu, gainera. Nire iritzi xumean, erabileraren zabalkundea kide anitzeko talde batek hartu beharko luke bere gain, erakunde publiko, gizarte eragile eta gaian zeresana izan dezaketen banako zein agente pribatuek osatutako talde batek, eta, noski, Euskaltzaindiak talde horretan egon beharko luke. Iruditzen zait euskararen erabilera zabaltzeko zereginak hainbat alderdi ukitu behar dituela, eta hori ezin duela erakunde bakarrak erdietsi". 2015-12-14, 08:18. "Egun on Patxi: horra hor nire iritzia eta erantzun zintzoa, ez diat uste Euskaltzaindia nor denik hori bideratzeko, arrazoia ematen diat bera baino hoberik ez dudala sumatzen inguruan, baina hausnarketa horixe bera dek falta zaiguna, nork bideratu prozesu hau, eta ez erabakitzea une honetan nork egin dezakeen. Beraz, saia gaitezen beste bide batetik, nahiko aditu, elkarte eta instituzio publiko eta pribatu bazaudek eta horretarako. agian prozesu honetan nork zer noiz aportatu eta nola norekin gidatu erabakitzea falta dek?" Eskutitza Patxi Saezek aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean gutun bat ere argitaratu zuen Euskal Herriko hainbat hedabidetan: Berria: Euskaltzaindiari proposamena. Noticias de Gipuzkoa Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia. Noticias de Navarra Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia. Noticias de Alava: Euskaltzaindiari proposamen irekia. Deia: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia. Urola-Kostako Hitza: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia "Goierriko Hitza: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia. Busturialdeko Hitza: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia. Irutxuloko Hitza: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia. Tolosaldeko Ataria: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia. Goiena: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia. Bizkaie: Patxi Saezen gutuna Euskaltzaindiari, euskerearen geroaren gidaritzea hartu daian. Naiz: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia. Sustatu: Euskararen paradigma berritzeko eta aldaketaren gidaritza hartzeko eskaria Euskaltzaindiari. Uztarria: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia. Zuzeu: Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia. Gutunak ere irakurleen erantzuna izan du: Zuzeu: "Handiegia gelditzen zaio eginkizuna Euskaltzaindiari. Egia da bi estatuetara eta hiru administrazioetara iristen den erakunde euskaldun bakarra dela, eta batez ere Iparraldean, dinamizatzaile-funtzioa joka lezakeela. Baina elefantiasiak jota du gorputza: hizkuntzaren inguruko hankaren bat puztuegia, besteren bat sendo samar, eta zeharo ahulduta gainerako guztia (jatorrizko “Jagon” hura, batik bat). Eskertzekoa Patxi Saezen iradokizuna, batez ere erakusten duen sentsibilitateagatik, baina, ezin da ahaztu Euskararen iraupena ziurtatu behar dutenak erakunde publikoak direla, haiena baita erantzukizuna: hizkuntz eskubideak bermatzeko erantzukizuna, planifikatzeko eratzukizuna, neurriak eta aurrekontuak bideratzekoa, erabakiak betearaztekoa, sariztatzekoa, zigortzekoa… Eta Nafarroan sartu berria den gobernuak duen moduan, Eusko Jaurlaritzak du EAEn erantzukizun hori. Kriseilua Euskaltzaindiari pasatu nahi izatea, EAJri eta Baztarrikari aurpegi serioko txepelkeriatan segitzeko baimena ematea baino ez litzateke izango. Eta dagoeneko ez gaude horretarako. Erantzukizun politiko erabakiorrena Gobernuarena da. Hemendik 3.500 kilometrora dugun estatu batek (inkorrekzio politikoa ohi da haren izena aipatzea) ongi asko bideratu zuen hizkuntzaren arazoa, iraupen eta erabilera barne. Beste gauza batzuetan eredu, horretan, justu behar genukeen horretan, ez. Euskal Gizarteak ere badu zeresanik, jakina. Eta hitzik. Baina ez ahaztu politikaren esparruetan egiten direla legeak eta moldatzen dela gizartearen funtzionamendua. Eta hizkuntzena, noski". Euskaltzaindiaren erantzuna Patxi Saezek egindako eskariari erantzunez eta gaia sakonago aztertzeko helburuarekin Euskaltzaindiak mintegi bat antolatu du otsailaren 12an "Euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko". Honela dio Euskaltzaindiaren ohar ofizialak hitzez hitz: "2016ko otsailean, euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko, mintegia egingo du Euskaltzaindiak. Era horretan, Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak egindako eskaria bideratu nahi du Akademiak. Izan ere, Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbat komunikabidetan argitaratutako gutun irekia bidali dio Saezek Euskaltzaindiari eta estrategia berri baten beharra aldarrikatzeaz gain, prozesu horretan lidergoa hartzeko eskatu dio Akademiari. Hala, bada, mintegia otsailaren 12an egingo du Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan. Era berean, mintegi horretan parte hartzeko deia egin nahi die elkarte, erakunde eta pertsona guztiei, ez bakarrik entzule bezala, baita hizlari bezala ere. Hori dela eta, ekarpenak egiteko aldia zabalduko du Euskaltzaindiak: urtarrilaren 16ra arteko epea egongo da, nahi duen orok hitzaldi, komunikazio edota iradokizunak egin ditzan. Horren ostean, Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak mintegiaren egitaraua prestatuko du eta urtarrilaren azken astean ezagutaraziko du. Esan bezala, mintegia otsailaren 12an egingo da. Ekarpenak info@euskaltzaindia.eus helbidera bidal daitezke. Mintegiaren aurrekariak Patxi Saez Beloki soziolinguista eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak urrian argitara eman zuen Elefantea ikusi izenburuko artikulua. Bertan, azken 50 urteotan indarrean dagoen euskararen paradigma aldatu beharra dagoela aldarrikatu du eta aldaketa horren gidaritza hartu dezala eskatu dio Euskaltzaindiari. Ondoren, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzari bidali zizkion artikulu bera eta gutun bat ere. Zuzendaritzak gaia bideratzeko ardura Sustapen batzordeari eman zion eta batzordeak mintegia antolatzeko aukera aurreikusi zuen gaia aztertzeko egin zuen bileran. Hurrengo pausua eman zuen Saezek eta Euskararen Nazioarteko Egunaren haritik, Euskal Herriko hainbat egunkari, astekari eta agerkari digitaletan "Euskaltzaindiari proposamena eta eskutitz irekia" argitaratu zuen. Bertan euskararentzat dinamika berria sorraraztea beharrekotzat jotzen du eta euskaltzainburuari egiten dio proposamena: “Proposatu nahi dizudan dinamika berriaren erdigunean Euskaltzaindia dago. Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakunde nagusia. Gainera, erakunde neutrala eta zabala da, alderdikeriarik gabekoa eta, batik bat, euskal gizarte osoaren onarpena eta aitortza duena”. Euskaltzaindiak mendeurrena betetzear dagoela eta, honela esaten dio Patxi Saezek: “Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea: bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera pasatzeko, gune euskaltzaletatik gizarte osora zabaltzeko, azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko”. Eta honela amaitzen du: “Euskarak aurrera egiteko, gaur gaurkoz, lidergoa eta estrategien antolamendua behar ditu. Euskaltzaindia ur horietan zaildutako mariñela dugu”. Bestalde, bere proposamena “gizarteratzeko helburuarekin”, inkesta bat ere bultzatu du Patxi Saezek, jendearen iritziak jasotzeko. Inkesta ehunka lagunek erantzun dute". Albiste honekin zuzen-zuzenean lotutakoak (Ikusteko gainean sakatu). Elefantea ikusi. Euskararen paradigma berritzeko eta aldaketaren gidaritza hartzeko eskaria Euskaltzaindiari Elefantea(k) Txerra Rodriguez Jakinen aurreko zenbakian esaten nuen sarri gogoratzen garela etorkizunaz. Eta hala da. Horren seinale Patxi Saez Belokik www.erabili.eus agerkarian argitaratu duen artikulua: "Euskararen elefantea ikusi". Patxik hurrengo 30 urteetako euskalgintzaren zikloa zeharkatu behar duen estrategia marraztu eta zirriborratu gura izan du. Izan ere, Joshua Fishman soziolinguistaren berba batzuetatik abiatu du bere analisia: «Problema txikiez ardura zaitezke, problema nagusia ikusi gabe. Hori izango litzateke zoologikora joan eta bakarrik zorriak ikustea, elefantea ikusi gabe». Eta Patxik euskararen elefantea hemen ikusten du: Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak. Horixe dugu, gaur-gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia. Patxi Saezek artikulu nagusia prestatu eta hainbat euskaltzaleri eskatu dio haren gaineko iritzia. Momentuz 50 pertsonatik gorak eman dio erantzuna eta aspaldiko iritzi truke errespetuzko bezain dibergentea piztu da euskalgintzan. Eta, gainera, aldeak alde, ia erantzun dugun guztiok bat gatoz kontu batekin: ziklo bat amaitu da euskalgintzan eta euskararen biziberritzean. Eta ziklo berria amesten, zirriborratzen eta egiten hasi beharrean gaude. Astiro, baina tinko. Hala ere, euskararen elefantearen diagnostikoan ez datoz bat erantzun dutenak. Gehienek ñabardura ohargarriak egin dizkiote Patxi Saezen planteamenduari. Iritziak iritzi, eta laburtzeko (eta, beraz, orokortzeko eta, beraz, hein batean, gezurra esateko) elefantea barik, elefanteak ikusi dituzte guztiek, edo Mikel Zalbideren berbetan esanda, arazoa multifaktoriala dela konturatu dira. Diagnostikoan bat ez etortzeaz aparte, etorkizunean segitu beharreko lehentasunak (eta bigarrentasunak eta, seguruenik, azkentasunak) zehazten ere ez dira bat etorri artikuluaren jira-biran dantzan ibilitakoak. Etorkizuneko hariekin sokasaltoan estropezu ez egiteko proposatutako irtenbideak askotarikoak (eta, kasu batzuetan, kontrajarriak) dira. Hala ere, gehienak ari dira, nire ustez, dekretuen (edo legeen, edo behartzearen) eta kapital emozionalaren (edo sedukzioaren, edo erraztearen, edo motibazioaren) arteko dialektikan: batzuk batetik gertuago eta bestetzuk bestetik. Ana Urkizak, kasurako, honako hau dio: «Baina, nago, hizkuntzak ez direla legez irabazten. Bai, zalantza gabe, zaintzen eta babesten. Baina ez, irabazten». Eskertzekoa da, benetan, Patxi Saezek egin duen ahalegina, batez ere hainbat eta hainbat adituren iritziak batu eta txirikordatzeko egin duen ahalegina. Etorkizuneko sintesia oraindik egiteke dugu. Saiakera batzuk egin izan dira, kasurako, Jon Sarasuak Hiztunpolisa liburuan, Argia-ren Larrun hilabetekariaren 197. zenbakian (Euskalgintza. Berritu ala hil) edo Patxi Baztarrikak Babeli gorazarre liburuan (sokaren alde bietan egon daitezkeen iritziak plazaratuz). Eta Patxi Saezena bide horretan beste ekarpen bat izan da. Mamitsua, gainera. (TXERRA RODRIGUEZ GOMEZ soziolinguista da) Estreinakoz, Jakin.eus agerkarian argitaratua, 2015-12-10ean. Elefantearen paradigma ikusi Euskaltzaindiko Bilboko egoitza nagusian Euskara Biziberritzeko Erronkak jardunaldian irakurritako hitzaldia, 2016-02-12an. Patxi Saez Beloki Eskertu egin nahi diot Andres Urrutia euskaltzainburuari joan den 2015eko irailaren 10ean ate joka etorri nintzaionean, Euskaltzaindiaren ateak parez pare zabaldu izana. Sustapen batzordeari ere eskertu nahi diot gaurko (2016-02-12) jardunaldi hau antolatu izana eta, bereziki, zuen guztion aurrean, eskerrak eman nahi dizkiot nire familiari, Maiteri, Axierri eta Oihaneri, beraien laguntza eta babesik gabe gaur ez nintzelako hemen izango. Gaur ere, hemen dira, beste behin, babesa ematera etorrita. Eta, eskerrak ematen hasita, Elefanteari buruzko iruzkinak eta hausnarketak igorri dizkidaten euskaltzale ekintzaile eta aditu guztiei nire esker betea adierazi nahi diet, izan ere, beraien iruzkinek eta hausnarketek Elefanteari beste dimentsio bat eman diote. Beraien ekarpenik gabe, seguru asko, gaur ez ginen hemen izango. Lehenik eta behin, hasteko, aitormen bat egin behar dizuet: Gaur hona zoritxarrak ekarri nau. Hobeki esan, zorritxarretik ateratako ausardiak ekarri nau hona. Joan den martxoaren hasieran, Joshua A. Fishman soziolinguista handia zendu berritan, jaso nuen zoritxarreko minbiziaren berria. Eta, nire burua, bizitzak jartzen dizkigun bidegurutze horietako batean aurkitu nuen. Une hartan ez nekien bizitzaren partidaren bigarren zatia jokatzen jarraituko nuen, luzapenean nengoen edo deskontuko minutuetan. Xabier Letek Habanera kantan esaten duen bezala «Jaio ginen, bizi gara...». Jaio ginen, bizi gara eta hiltzea zor dugu; eta denok, horretan zordun jarraitu nahi dugu. Ahalik eta urte gehien igaro nahi ditugu jaio ginenetik dugun zorra ordaindu gabe. Jon Sarasua ere ni pasatzen ari naizenetik pasatutakoa da eta berak ohartarazi zidan "minbizi" hitzak bere baitan duela "bizimina" eta, ni ere, horri atxiki nintzaion hasiera-hasieratik. Horrelako egoeretan egin ohi den bezala, bizitzari eta bizipenei begirada bat bota eta nire eguneroko lan-ardura dudan Euskara nirearen antzeko bidegurutze batean dugula ohartu nintzen, hobeki esan, aspaldian nengoen ohartuta euskararen abeleraz, eta nire aletxoa jartzea otu zitzaidan. Nire hasierako helburua xumea zen: arazoaz ohartaraztea, arazoa ikustaraztea, horregatik jarri nion "Elefantea Ikusi" izenburua idatzi nuen artikuluari. Elefantea nire gaixotasunaren terapia gisa erabili dudala ere esango dizuet. Jaso ditudan erantzunak eta animoak aurrera egiten lagundu didate, indarra eman didate aurrera egiteko. Ilusio bat. Elefantearen artikulua idatzi nuenean ez zitzaidan burutik pasatu, ezta ametsetan ere, gaur hemen zuen aurrean egon behar nuenik. Baina bizitzak behin bakarrik ematen duen aukera horietako bat da gaurko hau. Ni, gaur, hona, barruak aginduta etorri naiz, egin beharreko zerbait egitera etorri naiz. Ez dakit noraino iritsiko den gaurko hau baina, bizitza “momentu hura” bizitzea ere badenez, nik, gaurtik aurrera, nire buruari esango diot: Patxi, egin beharrekoa egin huen! Mark Twain, Mississippi ibaiaren ertzean jaiotako Amerikako Estatu Batuetako idazleak esan ohi zuen, 20 urteko tartea igarotakoan, atzera begira jarritakoan, egindakoek baino damu handiagoa eragiten dutela egin gabe utzitakoek. Nik, behintzat, gaurkoaren damurik ez dut izango. Albert Einsteinek, berriz, zioen “Sekula huts egin ez duenak ez du inoiz berrikuntzarik egin”. Ni arrain txikia naiz eta gaur ur handitan igeri egitera etorri naiz. Ea hutsegite handirik egiten ez dudan eta onik ateratzen naizen gaurko ausardia honetatik! Ni gaur, hemen, dena ematera nator. Nik galtzeko gutxi daukat baina euskarak irabazteko asko du. Bizitza honetara ezer gabe etorri ginen eta ezer gabe joango gara, eta tartean jaso eta eman egiten dugu. Ni, gaur, ematera etorri naiz. Gaur nire buruari jarri diodan erronka baten berri ere eman nahi dizuet. Nire betaurrekoekin bizi dugun egoera soziolinguistikoa nola ikusten dudan azaltzen ahaleginduko naiz gaur, eta, azalpen hori, Oihanek, nire 15 urteko alabak, ulertzeko erronka jarri diot nire buruari. Maite ditut esaldi burutsuak, hitz gutxitan jakinduria handia dutela iruditzen baitzait. Twitter harreman sarean jarraitzaile zaituztedanok jakin badakizue, goizero-goizero, goizeko 07:30ean “Eguneko Erranairua” argitaratzen dudala. Gustoko ditudan esaldien artean badago bat, nire-nirea dena gainera, eta horrelaxe dio: “Hitzak dortokak dira, adibideak erbi”. Gaur, elkarren arteko ulerbideak errazteko erbi asko askatuko ditut eta zuek ehiztari lanak egin beharko dituze. Ea ehiza oparoa den! Gaur, hemen, zuen artean izateko jaso dudan gomitak Kike Amonarrizek, Abbadia saria jaso zuen egunean, Euskaren Egunaren bezperan, esandakoari erantzuten diola uste dut. Ni, behintzat, uste horrekin etorri naiz gaur zuen aurrera: «Lehen pausoa eman dugu: bidegurutzera iritsi garela ohartzea». Eta Charles Franklin Kettering Ohioko asmatzaile Estatu Batuarrak esan zuen bezala, «Arazoari heltzen badiozu, konponbidearen erdia egina duzu». Gizon horrek asko zekien arazoak konpontzeari buruz, izan ere 140 asmakuntza patentatu baitzituen. Eta gaurko saioaren hasiera-hasieran gaudela probestuz, esango dizuet orain 145 urte jaiotako asmatzaile honek autoak abiarazteko motor elektrikoa asmatu zuela. Jakingo duzuen bezala, motor elektrikoa asmatu arte kotxeak eskuz abiarazten ziren biradera handi bati jira eta bira eraginez. Beraz, piztu dezagun gure motorra eta ekin diezaogun gaurko bideari. Txerra Rodriguez soziolinguista aurreko abenduan Jakin aldizkarian nire “Elefanteari” buruz aritu zen: “Patxi Saezek artikulu nagusia prestatu eta hainbat euskaltzaleri eskatu dio haren gaineko iritzia. Momentuz 50 pertsonatik gora eman dio erantzuna eta aspaldiko iritzi truke errespetuzko bezain dibergentea piztu da euskalgintzan. Eta, gainera, aldeak alde, ia erantzun dugun guztiok bat gatoz kontu batekin: ziklo bat amaitu da euskalgintzan eta euskararen biziberritzean. Eta ziklo berria amesten, zirriborratzen eta egiten hasi beharrean gaude. Astiro, baina tinko”. Han-hemenka berba asko erabili dira euskarak egun bizi duen une historikoaren berri emateko: "apalaldia", “motelaldia”, "geldialdia", "impassea", "ziklo baten amaiera", "etorkizun-ikuspegiaren ilunaldia", "estrategien lausoaldia", "etapa aldaketa" eta nik neuk "elefantea" deitu diot egoera nabarmena delako eta, bere handitasunean, begi bistan dugulako. Esan bezala, "Elefantea ikusi" artikulua idazteko helburu nagusia euskarak bizi duen ataka estua ikusaraztea zen eta ikusaraztearekin batera nondik hel diezaiokegun erabakitzea, edo hobeki esan, heldulekua non egon daitekeen aurkitzen laguntzea. Baina, gerora ohartu naiz kale-kalean oso bizirik dagoela euskararen kinkari buruzko kezka. Adibide baterako, Araban argitaratzen den “Aiaraldea” hamabostekariak Euskararen Egunean argitaratu zuen alea ekarri dizuet. Azalean, hauxe du izenburu nagusia: "Euskara, pieza mugitu beharra". Eta barruko orrialdeetan horrelakoa du sarrera albiste horrek: "Impass" batean dago euskararen aldeko borroka Aiaraldean, ez aurrera ez atzera. Hori diote euskararekin erlazionatutako zenbait eragile eta norbanakok. Ziklo berriak ireki behar direla uste dute batzuek, eta euskara ikasteko motibazio berriak sortu behar direla besteek. Gako nagusia, baina, ezagutzatik erabilerara eman beharreko saltoan dago. Nork mugituko du hurrengo pieza? Ikus dezagun, albiste horretan, aipatutako eragileek zer dioten, nola azaltzen duten euskarak bizi duen kinka: «Euskara ‘impass’ batean dago, ez atzera ez aurrera, kantitateari dagokionez, eta kalitateari dagokionez, atzera doa, dudarik gabe”, baieztatu du Anuntxi Arana antropologoak. Mikel Ayllonentzat ere okertzen ari den egoera da euskararena. Mundua aldatu egin dela uste du idazle laudioarrak, eta euskalgintzak ez duela jakin izan bere mezua egokitzen. “Eta okerrena da arazoa begien aurrean dugula eta ez diogula begiratu nahi, pasillo erdian dagoen elefantea bailitzan”. Hainbat galdera planteatu ditu Ayllonek argudio gisa: “Zenbat jendek irakurtzen du euskaraz? Zenbat jendek ikusten du telebista euskaraz? Zenbat jendek gozatzen du euskaraz? Zenbat jendek negar egiten du euskaraz? Zenbat jende maitemintzen da euskaraz? Funtsean, zenbat jende bizi da euskaraz?”. Juanjo Respaldiza bertsolari orozkoarrak, berriz, zera dio: “Edozeinek ikusteko modukoa da ziklo baten amaiera bizitzen ari garela, eta ez soilik euskararen arloan”. Hogeitalau euskara elkarteko kidea den Joseba Llanorentzat, berriz, argi dago “ziklo baten amaiera” iritsi zaiola euskalgintzari. “Frankismotik ateratzean egitasmo batzuk jarri ziren martxan, eta gaur egun nabaritzen dira horren emaitzak; euskararen ezagutza mailari begira batez ere”. Basalarrina Euskal Topaguneko kide den Toño Vallesek, bere aldetik, hezkuntzan jarri du begirada. “Hezkuntzan planteatu ziren helburuak bete egin dira”. Baina gaineratu du ez dela helburu gehiagorik markatu, eta euskara “komunikazio alorretik” gutxiagora doala». Goldean Landareari lurrak bizi-indarra ematen dion bezalaxe, hiztunek ematen diote bizi-indarra hizkuntzari. Lurra nolakoa, halakoa izan ohi da landarea, indartsuagoa edo ahulagoa. Hiztunek ere eragin betea dute hizkuntzen indar edo ahulezian, hiztunak dira hizkuntzen funtsezko bizigaia, hizkuntzak hiztunengan bizi baitira. Irudika dezagun euskara landare bat dela eta lorontzi batean dagoela. Lorontzi horrek gaur egun orain 30 urte baino % 70 lur gehiago dauka. Baina lur berri horrek ez dio landareari bizi-indarrik ematen. Landarea ez da hazten, ez da indartzen. Gainera, gure landarea ahultzen ari ote denaren irudipena dugu, izan ere, hosto batzuk horaildu egin baitzaizkio. Horixe dugu euskararen gaur egungo egoera: azken 30 urteotan hiztun asko irabazi ditu baina hiztun horiek ez diote bizi-indarrik ematen. Aiaraldeko lagun hauek dioten bezalaxe, azkenengo 50 urteotan euskararen normalizazioaren paradigma eskolan oinarritu dugu, batez ere. Eta, eskolak, dezakeena egin du, ez gehiago, ezta gutxiago ere. Eskolak, gazteen artean batik bat, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa ekarri du. Ez, ordea, erabileraren nonahiko zabalkundea. Euskararen batasunarekin batera euskarazko eskolaren sorrera etorri zen. Euskara batuaren sorrerak eskolaren lana ikaragarri erraztu zuen, euskara bat eta bakarra irakastea ahalbidetu zuelako. Zalantzarik gabe, euskarazko irakaskuntza izan da azken 50 urteotan euskararen berreskurapenaren tresnarik garrantzitsuena. Azken 30 urteotan euskarak 300.000 hiztun irabazi ditu. Horietatik guztietatik eskolak 200.000 lortu ditu, eta gainontzeko 100.000ak helduen euskalduntzetik etorri dira. Gaur egun, EAEn 20 urtetik beherakoen artean, %70 baino gehiago dira euskaldunak, eta duela 30 urte ez ziren %20ra iristen. Gainera, gazteen gehiengoak euskara ez du etxean ikasi, eskolan baizik: EAEn, 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (%58) euskaldun berriak dira, alegia, bigarren hizkuntza euskara dute. Erabilera, ordea, geldialdian dugu: euskarak, azken 20 urteotan, ia % 70 (67,3) hiztun gehiago irabazi du, baina erabilerak bere horretan jarraitzen du azken 15 urteotan (2011n euskararen kale-erabilera % 13,3koa zen). Oso zabaldua dago gaur egungo gizartean euskarak duen erronka nagusia erabileran dugula. Egia da erronketako bat erabileran dugula, baina ez nagusia. Inork gutxik aipatzen du eta azpimarratzen du, eta horixe egin behar dut nik hemen eta orain, euskararen belaunez belauneko jarraipena mehatxatua dugula. Ikerketen arabera, azken 15 urteotan kale erabilerak bere horretan jarraitzen du. Baina inork gutxik erreparatu dio euskara etxean jaso duten euskaldunen kopurua ez dela mugitu azken 20 urteotan. Hizkuntza soziologiaren jakintza arloan luze-zabal onartua da ahuldutako hizkuntza indarberritzeko oinarri-oinarrizko ekinbidea dugula belaunez belauneko jarraipena segurtatzea lehenbizi eta indartzea ondoren. Goren mailako lau euskaltzain ditugu XX. mendean barrena, hizkuntza indarberritzearen ardatza belaunez belauneko iraupen bideetan jarri dutenak: Seber Altube, Koldo Mitxelena, Joshua Fishman eta Mikel Zalbide. Ikasbide hori utzi digute behin eta berriro ahoz eta idatziz. Hor dugula lehentasuna eta ez beste inon. Hori babestu eta indartu behar dugula, lehen lehenik. Euskararen belaunez belauneko jarraipen bideak mehatxupean ditugu, xake jokoan erregea abelera gaiztoan gertatzen denean bezalaxe. Hizkuntza indarberritzearen partidan xake taulako pieza batzuk ondorengo urteetan egiten dituzten mugimenduei arreta berezia jarri beharko diegu. Arretaz begiratu beharko dugu pieza horiek erregea babesteko mugimenduak egingo dituzten edo bat ere babesik gabe utziko duten. Lehen hizkuntza erdara duten euskaldunek ondorengo urteetan etxeko hizkuntza transmisioan nola jokatuko duten funtsezkoa izango da hizkuntza indarberritzearen partidan euskarari xake materik gerta ez dakion. Euskararen belaunez belauneko jarraipena bere horretan dago azkenengo 20-25 urteotan. Gainera, beheranzko joera kezkagarri bat erakusten du hainbat arnasgunetan. Esate baterako, euskararentzat Azpeitia bezalako erreferentziazko arnasgunean, gaur egun, euskara lehen hizkuntza duten euskaldunak orain 25 urte baino % 8 gutxiago dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, adin talde guztietako euskaldunen artean, gehienak euskara lehen hizkuntza izatetik, 40 urtetik beherako euskaldunik gehienak (% 54,8) lehen hizkuntza gaztelania dutenak izatera pasa dira. Alegia, euskara ez dute etxetik jaso. Euskara eskolan edo euskaltegian ikasi dute. Hortxe jarri behar dugu arreta. Bidegurutze horretan gaude: belaunez belauneko katean, lehen hizkuntza erdara duten euskaldunek euskararen transmisioa nola egingo duten ondorengo urteetan. Horri jarraipena egin beharko diogu, ikerketak egin beharko ditugu nagusituko diren jokabideak eta joerak aurreikusteko eta horien araberako ekinbideak erabakitzeko. Beraz, ondorengo 20-30 urteetako lehenengo erronka hor jarri behar dugu. Gainera, lehenengo erronka hau bigarrenarekin estu-estu lotuta dago: lehen hizkuntza euskara izateak lotura zuzena du euskaraz egiteko erraztasunarekin, eta batak eta besteak eragin handia dute erabileran. Elebidun gazteen artean, euskara gehiago ez erabiltzeko arrazoi nagusiak hauek dira: lehen hizkuntza erdara izatea, euskaraz jarduteko erraztasun urriagoa izatea, eta gehienak gune erdaldunetan bizitzea. Euskal Herriko biztaleria osoaren % 70 inguru, ezagutza % 25 baino txikiagoa den eremuan bizi da. Erabilera % 3 ingurukoa da eremu horretan. Egilea: Beñat Arregi, 2016 Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik hirutan, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean, euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen dira. Egilea: Beñat Arregi, 2016 Joan gaitezen berriro Euskararen Eguneko “Aiaraldea” hamabostekarira: «Kalera Salto Hizkuntzaren ezagutzaren eta erabileraren arteko distantzian kokatu dute arazoaren muina elkarrizketatu gehienek. “Gure erronka euskara eskolako eremutik ateratzea izan behar da, herriko kaleetara eramateko” aldarrikatu du Sonia Abeziak. Aiaraldean sortu berri den Hezkuntza Foroko kidea da bera eta Lanbide Heziketan zikloak euskaraz eskaintzea ere “ezinbestekotzat” du. Aresketa Ikastolako Koldo Rodriguezen ustez "zama guztia" jarri da Hezkuntzako erakundeetan, "jakinda gainera ez dela hezkuntzaren gain erortzen den arazo bat soilik". Euskarak "ikastetxeen hormak zeharkatu" behar dituela aldarrikatu du Rodriguezek, "eta eremu gehiago konkistatu: kirola, merkataritza, administrazioak, garraioa, osasuna…"». Futbol-eskolan ikasitakoarekin bakarrik ikas al daiteke futbolean jokatzen? Joko zelaian futbol partidarik jokatu gabe, lehiatu gabe, ikas al daiteke futbolean jokatzen? Futbola, hizkuntza bezalaxe, taldeko jokoa da eta taldeko elkarrekintza horretatik aberasten dira kide guztiak. Nola nahi ditugu futbolariak sortu futbol zelairik gabe? Nola nahi ditugu hiztunak sortu joko zelairik edo erabilera-eremurik ez badute? Euskarazko harreman-sarerik ez badute? Nik euskararen “joko zelai” bataiatu dudanak lehendik ere baditu hainbat izen: erabilera-eremuak, eremu funtzionalak, erabilera-esparruak, arnasgune sozio-funtzionalak, harreman-sareak, ... bizitzako hartu-emanetan, komunikazioan, euskara erabiltzeko aukerak, azken batean. Ikasketa hizkuntza dugu euskara, batez ere, ingurune erdaldunetan, eta bizitzako hizketa izatera ekartzea dugu ezinbesteko erronka. Ingurune erdaldunetako neska-mutilek ez daukate hiztun komunitaterik hiztun oso baten komunikaziorako hizkuntza gaitasun guztiak garatzeko, euskara bigarren hizkuntza dute eta komunikaziorako gaitasun mugatua lortzen dute, eskola dutelako beraien euskalduntasuna garatzeko gune bakarra. Eta hortxe egin dugu huts handia. Pentsatu dugu norbanakoak euskaldunduta berez hasiko zirela euskaraz egiten. Ez dugu kontuan hartu komunikazioa gizataldeko elkarrekintza dela eta hizkuntza oro komunikaziorako tresna den aldetik komunikazio egoera ezberdinetan erabiliz ikasten dela nola erabili. Norberak erabiliz baina, batez ere, lagun hurkoak nola erabiltzen duen ohartuz eta eredu egokiak kolkoratuz. Eta, jakina, euskara komunikazio egoera ezberdinetan nola erabiltzen den erakutsiko dizun harreman-sarerik gabe, hiztun komunitaterik gabe, ezin da komunikazio beterako euskararik ikasi. Elebidun hauek euskararen eta gaztelaniaren arteko erabateko desorekan bizi dira eta, desoreka hori, daukaten komunikazio gaitasunean ere islatzen da: askoz erraztasun handiagoa dute gaztelaniaz egiteko. Eta, egoera horretan dauden elebidun desorekatu guztiek, komunikaziorako tresnarik azkarrena eta eraginkorrena aukeratzen dute, izan ere, etxeko garajean Mister Bean jaunaren Minimorrisa baldin badago eta, ondoan, Sebastian Vettel Bat formulako gidariaren Ferraria, zein aukeratuko dute gure gazteek lagunekin ibiltzeko? Beraz, eta laburbilduz, ondorengo 20-30 urteetarako bi erronka aipatu ditugu orain arte: belaunez belauneko jarraipena eta erabilera. Goazen orain hirugarrenarekin, eta azkena izanagatik ez dugu errazena gainera: estatusa. Ondorengo 20-30 urteetan euskararen estatusean eragin beharra dago euskara gizarteko bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera igaro dadin, euskarak eta gaztelaniak gizartean estatus berbera izan dezaten. Erronkarik zailena hau dugu, zalantzarik gabe. Horretarako, orain arteko paradigma aldatu beharra dago, estrategiak aldatu egin behar dira; izan ere, Albert Einsteinek zioen bezala, ezinezkoa da emaitza ezberdinak lortzea beti berdina eginez. Goldatu beharreko lurra nolakoa den ikusi dugu. Orain, berriz, goldaketan ibiltzeko behar-beharrezko ditugun tresnak aurkeztuko ditugu. Elefantearen paradigma proposamena. Euskararen gizarteratzean, sozializazioan, bide luzea egin dugu, eta, bidez bide, orain gauden bidegurutzera iritsi gara. Eta, orain, nondik jo behar dugu? Euskararen gizarte normalizazioan aurrerapausoak ematen jarraitzeko, hemendik aurrera, zein ereduri heldu behar diogu? Zein paradigma jarraitu behar dugu? Has gaitezen Elefanteak egiten duen proposamenetik. Zer proposatzen du Elefanteak? Zer eskatzen du Elefanteak? Azken hilabeteotan han-hemenka asko idatzi da Elefanteari buruz, baina idatzi diren artikulu guztien artean, etxe honetako Azkue Bibliotekako eta Artxiboko zuzendariak, Pruden Gartzia Isasti jaunak, 2015eko azaroaren 11n, San Martin egunean, Berria egunkarian argitaratutakoak ezin argiago azaltzen du Elefanteak proposatu eta eskatu nahi duena. Nik neuk ezingo nuke hobeto azaldu. Artikuluaren izenburua ere oso adierazkorra da: “Iraultza zientifiko bat behar dugu”, izan ere, iraultzeak azpikoz gora jartzea esan nahi du eta lurra lantzen ibili den edozeinek badaki, iraulitako lurra beti dela emankorra. Iraulitako lurrean ereindako hazia indar handiagoz ernetzen eta hazten da. “Iraultza zientifiko bat behar dugu” Berria, 2015-11-11 “Zeren Patxi Saezek eskatzen duena, funtsean, paradigma aldaketa bat da, alegia, eta betiko adibidea erabilita, garai batean Fisika Newtonek sortutako paradigmatik ikusten genuen, gero (XX. mende hasieran) iraultza zientifiko bat gertatu zen eta paradigma aldatu zen, hortik aurrera Fisika Einsteinek sortutako paradigmatik hasi ginen ikusten (erlatibitatearen teoria). Esan nahi ote du horrek Newton oker zegoela eta Einstein zuzen? Newtonek deskribaturiko legeak okerrak eta zentzugabeak zirela? Ez, jaun-andreok, paradigma aldaketa bat ez da hori, beste hau baizik: Einsteinek ez zuen Newton desegin, gainditu bai ordea, Fisika ulertzeko modu berri bat eskaini, zeinaren bidez aurrerakada zientifiko itzelak gertatu ziren. Zeren, funtsean, Newtonen paradigma agortua zegoen, eman beharrekoa emanda, elkortua, bizigabetua. Hitz batean, ordurako hila eta fosiltzen hasia. Patxi Saezek eskatzen duena iraultza zientifiko bat da, elefantea ikustea eta elefantearekin zer egin erabakitzea. Eta elefantea, Patxi Saezentzat, lan-munduaren euskalduntzea da.” Gure errealitate soziolinguistikoa ulertzeko eta aztertzeko, Jose Maria Sanchez Carrion, Txepetx, soziolinguista handiaren paradigma erabili izan dugu 1987an “UN FUTURO PARA NUESTRO PASADO, claves de la recuperación del euskera y teoria social de las lenguas” liburua argitaratu zuenetik, ia azkenengo 30 urteotan. Hizkuntzaren ikasketa-prozesua honela azaldu zigun Txepetxek: 3 urrats baina 2 ibilbide. 2 ibilbide baina zirkuitu bat. Eta zein da Elefanteak proposatzen duen paradigma berria? Koldo Zuazo hizkuntzalari eta euskaltzain urgazleari aurtengo 2016ko urtarrileko Errege egunaren bezperan Berria egunkarian irakurri diot: «Hizkuntza aldatzen bada, bizirik dagoen seinale». Gizateriaren historiaren sokan bizirik iraun duten hizkuntzak, gurean euskara, hiztunen komunikazio beharretara egokitu izan dira, komunikazioa izan dute molde eta moldatzaile. Eta komunikazio premia horietara moldatu eta egokitzetik etorri zaie hizkuntzei etengabeko aldaketa. Eta etengabeko egokitze eta aldaketa horretatik etorri da hizkuntzen garapena eta modernizazioa, baita euskararena ere. Komunikazio-molde berrietara egokitzeko ahalegina hizkuntzek ez ezik, garaian garaiko gizarte horietako gizon-emakumeek ere egin behar izan dute. Gutemberg jaunak inprenta asmatu zuenean, esate baterako, asmakuntza berrira egokitu ahal izateko, hizkuntzek estandarizatu eta idatzizkora moldatu behar izan zuten. Era berean, gizarte hartako gizon-emakumeei ere irakurtzen eta idazten ikasteko, alfabetatzeko, ahalegina eskatu zien komunikazio-molde berriak. Azken batean, erabiliz, komunikaziorako erabiliz, zorrozten eta aberasten dira hizkuntzak eta erabilera ezak kamusten eta hilarazten ditu. Beraz, hizkuntzak tresnak direla baiezta dezakegu, komunikaziorako tresnak. Eta hauxe da, hain zuzen ere, proposatu nahi dudan paradigma berriaren oinarri-oinarrizko axioma, hizkuntzak komunikaziorako tresnak direla, alegia. «Hizkuntza gutxituak», berriz, bere hiztunek dituzten komunikazio behar guztiak betetzen ez dituzten hizkuntzak dira, beste hizkuntza batek, menderatzaileak, beren komunikazio-esparru eta funtzioak bereganatu dituelako (hauxe litzateke «hizkuntza gutxituaren» nire definizioa). Egoera hau, hizkuntza gutxituaren eta hizkuntza menderatzailearen arteko harreman hau, etengabeko elkarrekintza da. Izan ere, neurriak hartzen ez badira, denboran zehar, hizkuntza menderatzaileak, hizkuntza gutxituaren komunikazio-eremu eta funtzio gehiago beregana baititzake. Hizkuntza gutxitua galbide arriskuan legoke, hizkuntza menderatzaileak bere komunikazio-eremu eta funtzio guztiak bereganatuta dituenean eta hizkuntza gutxituak bere hiztunen komunikazio-beharretarako inongo baliorik ez duenean. Paradigma berria azaltzeko irudi indartsu baten bila ibili naiz eta, azkenean, orain 15.000 urteko tresna bat, Neolito garaiko tresna bat aurkitu dut paradigma berria irudikatzeko: gurdia edo orga. Hitzaren etimologiari erreparatzen badiogu, gurdi hitzetik dator gurpil, gurdi+bil, gurdiaren gauza biribila. Gaur egun daukagun gurpilik zaharrenak 3.500 urte inguru ditu eta Esloveniako hiriburuan, Liublianan, aurkitu zuten 2003ko otsailean, zingira batzuetan. Gurpila lizar egurrez egina dago eta ardatza egur gogorragoarekin egina dauka, haritzarekin. Gurpilak lotura zuzena du gaur egungo lan-munduarekin, euskararen elefantearekin, izan ere, ezinezkoa litzateke gaur egungo gizarte industrializatua gurpilik gabe. Zalantzarik gabe, gurpila, gizakiaren asmakizun handienen artean dago. Paradigmaren ardatzean, gurdiaren ardatzean, alegia, gurpil bi ditugu: ezagutza eta erabilera. Hizkuntzaren gurdiak komunikazioaren bidean arin-arin eta arazorik gabe aurrera egiteko, bi gurpilen jirabira aldi berekoa behar du. Gurpiletako bat kateatuko balitz, gurdia arrastaka eramango genuke, horrek sortzen dituen neke eta ezinekin. Ezagutza eta erabilera, hizkuntzen ikasketa-prozesuaren ardatz Abraham Maslow New York hiriko Brooklyn auzoan sortu zen 1908an eta 1970ean zendu zen. Gurasoak errusiar etorkinak zituen. Psikologia humanistaren aitatasuna aitortzen zaio. Eta psikologiaren arloan ezaguna gizakiaren beharrak sailkatzeagatik baldin bada, Maslow piramidea izeneko teoriarekin, gizakiaren ikasketa-prozesua ere azaldu zuen. Maslow jaunak ikasketa-prozesua lau urrats edo mailatan banatu zuen: 1. Ezgaitasun inkontzientea: Ez dakigu eta, gainera, ez dakigu ez dakigula. Ez dakigu eta ez gara jabetzen gure ezjakintasunaz. Ez gara jakitun gure ezjakintasunaz eta ez gara konturatu ere egiten zer ezagutza eta gaitasun falta ditugun. Haur txikiek ez dakite gidatzen ez dakitela eta, gainera, ez dira jakitun gabezia horretaz. Berdin gertatzen zaie, Amazonasko basorik trinkoenaren baitan, sekula auto bat ikusi gabe, bizi diren indioei. Etorkin askori ere horixe gertatzen zaie euskararekin. Euskal Herrira etorri arte ez dira jabetzen euskara ez dakitela eta gaitasun falta hori dutela. 2. Ezgaitasun kontzientea: Ez dakigu baina badakigu ez dakigula. Zer ez dakigun badakigu eta ikasteko ahalegina egiten hasi behar dugu. Ikasteko geratzen zaigun guztiaren jakitun gara une honetan, eta ikasteko erabakia hartu dugu. Autoeskolara joan gara eta azterketa teorikoa gainditzeko ikasi beharrekoen berri dugu eta baita azterketa praktikoa egiteko ere zer ikasi behar dugun eta gutxienez zenbat denbora beharko dugun dakigu. Une honetan ez dakigun guztiaren eta ikasi beharrekoaren kontziente gara. Berdin gertatzen zaio euskara ikasteko erabakia hartu duen etorkin horri ere: euskaltegira joan da eta hantxe konturatu da euskara ikasteko, hasieratik bukaera arte, egin beharreko ibilbideaz, ikasi beharreko guztiaz eta beharko duen denboraz. Ikasketa-prozesuaren 2. urrats honetan ikasten hasiko gara eta arazoak sortuko zaizkigu. Arreta osoa jarri beharko dugu sortzen zaizkigun arazoak gainditzeko. Deseroso aurkituko gara baina urrats honetan ikasiko dugu gehien. Ikasketaren unea da. Erbi bat (adibide bat): Autoeskolan gertatu zitzaidan, auto bat lehenengo aldiz hartu nuen egunean. Irakasleak autoa abiarazteko zer egin behar nuen azaldu zidan eta nik esandakoa egin nuen zintzo-zintzo. Bidera ateratzeko esan eta nik autoa bidera atera nuen. Kilometro batzuk egin ondoren, denbora guztian hanka azeleragailuaren gainean neramala, hara non esaten didan keinukaria jarri, abiadura gutxitu eta martxa aldatzeko, bidegurutzean sartu behar genuelako. Une hartan etorri zitzaidan izu-ikara oraindik gogoan dut. Une hartantxe jabetu nintzen ez nekiela zer egin behar nuen irakaslearen agindua betetzeko. Eta garraisi batean esan nion: “Eztakit!”. 3. Gaitasun kontzientea: Badakigu eta, gainera, badakigu badakigula. Jakin beharrekoa dakigunean eta egiteko gai garenean, baina, egin ahal izateko, gure arreta eta kontzentrazio osoa behar dugunean. Une honetan ikasitakoaz jabetzen gara baina ikasitakoa ez dugu erraztasunez erabiltzen. Badakigu autoa gidatzen baina arreta eta kontzentrazio osoa jarri behar dugu gidatzeko. Gidatzerakoan eman beharreko urrats bakoitza (ispilutik begiratu, keinukaria jarri, enbragea zapaldu, martxa aldatu, enbragea askatu...) burura ekarri behar dugu eta banan-banan eman behar ditugu baina, oraindik, makal eta baldar gabiltza. Gidatzeak ikaragarri nekarazten gaitu. Euskara ikasten ari denari ere gauza bera gertatzen zaio: esaldi bat ezpainetara ekarri aurretik buruan antolatu beharra dauka eta esaldia esan nahi duenarekin bat ote datorren neurtuko du etengabe. Gainera, 3. urrats honetan, ikasitako guztia ez da erraztasun berdinarekin erabiltzen, izan ere, ikasitakoa barneratzea erabilerari oso lotuta baitago. Beharbada autoa gidatzen txukun samar moldatzen gara, honezkero kilometro batzu-batzuk egin ditugulako, baina kotxea aparkatzen baldar hutsak gara. Edo gurpila zulatzen bazaigu, gutxitan gertatu zaigulako, trakets ibiliko gara ordezko gurpila aldatzeko. Hizkuntzaren ikasketarekin berdin gertatzen zaigu: euskaraz hitz egiten txukun moldatzen gara baina noka edo toka egiteko ez gara ondo moldatzen, oso baldar ikusten dugu gure burua, erabiltzen ez dugulako. “Natzaio”, “zeniezadaketen” eta antzeko aditzen erabileran baldar sentitzen gara, oso gutxitan erabiltzen ditugulako. Urrats honetan ibiliz ikasten da oinez. Autoan ibiliz ikasten da gidatzen, eta euskara ere hitz eginez ikasten da. Praktika etengabeak ekarriko du ikasitakoa erraztasunez eta jariotasunez erabiltzea. 4. Gaitasun inkontzientea: Badakigu baina ohartu gabe egiten dugu. Pentsatu gabe egiteko gai gara. Ohitura bihurtu dugu. Ikasitako guztia orkestra batek bezalatsu egiten dugu, automatikoki eta pentsatu gabe. Ikasitakoa praktikan jartzen dugu modu errepikakor, automatiko eta inkontzientean. Adibidea: 31 urte daramatzat etxetik lanerako joan-etorria bide beretik egiten. Bide bihurri samarra da bihurgune eta gora-behera handikoa, eta maiz aldatu behar izaten dira martxak. Askotan, beldurtu egiten naiz lanera iritsi naizelako eta ez naizelako jabetu halako tokitatik igaro ere egin naizenik. Nire pentsamenduetan murgilduta egiten dut ibilbide osoa, konturatu ere egin gabe nondik ari naizen igarotzen. Zer behar da ezgaitasun inkontzientetik (1) ezgaitasun kontzientera (2) aldatzeko? Kontzientzia hartzea. Eta gaitasun kontzientera (3) aldatzeko? Ikastea eta trebatzea. Eta zer behar da gaitasun inkontzientea (4) lortzeko? Praktikaren bidez barneratzea eta automatizatzea. Maslow jaunak azaldutakoa, 2.000 urte lehenago, beste hitz batzuekin adierazita utzi zuen Txinako Konfuzio pentsalariak: «Esan zidaten eta ahaztu egin nuen; ikusi nuen eta ulertu egin nuen; egin nuen eta ikasi egin nuen». Aristoteles filosofoak ere halatsu esanda utzi zigun: «Egiten ikasi behar duguna, eginez ikasiko dugu». Albert Einsteinek ere horrelaxe zioen: «Ikastea esperientzia izatea da, gainontzeko guztia informazioa izatea da». Beraz ezagutza eta erabilera estu-estu lotuta daude gaitasun osoa lortzeko. Ikerketek ere hala baieztatzen dute: Edgar Dale Estatu Batuetako pedagogo eta hezitzailearen ikaskuntzaren konoaren arabera Bi asteren buruan honako hau gogoratuko dugu: Irakurtzen dugunaren % 10 Entzuten dugunaren % 20 Ikusten dugunaren % 30 Entzuten eta ikusten dugunaren % 50 Esaten dugunaren % 70 Esaten eta egiten dugunaren % 90 NTL Estatu Batuetako institutuaren irakaskuntzaren piramidea Erabilitako irakaskuntza metodoaren arabera, buruan jasotakoa aldatu egiten da. Eskola bat eman eta 24 orduren buruan zer gogoratzen dugun jasotzen du piramideak: Eskola magistrala/ Hitzaldia: % 5 Irakurketa: % 10 Ikus-entzunekoa: % 20 Frogaketa edo demostrazioa: % 30 Taldean ikastea (talde-eztabaidak/ talde-lana): % 50 Lan praktikoa, eginez ikastea: % 75 Ikasitakoa besteei irakastea: % 90 Finlandiak munduko irakaskuntzarik onena izatearen ospea du. Hezkuntza arloan 2016. urtetik aurrera Finlandian irakaskuntzak aldaketa handia izango duela jakinarazi dute. Ikasgaiak desagertu eta “eginez ikastea” (gaikako proiektuak) izango da hemendik aurrerako irakaskuntza-metodologiaren ardatza. Oraingoan ere ikasteko metodorik eraginkorrena hautatu dute. Euskara beharrezko bihurtu. Gaur egun indarrean dugun paradigmari begiratzen badiogu (Txepetx, 1987) zein dugu ezagutza eta erabilerarekin batera paradigman azaltzen den 3. urratsa: motibazioa. Motibazioa, nahia edota borondatea, hizkuntza politikaren erdigunean jarri ditugu azken 30 urteotan. Gaur egun ere, erdigune horretan darraite. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskararen Aholku batzordeari txosten bat aurkeztu berri dio joan den 2015eko azaroaren 11n, Eta hemendik aurrera zer? izenburu duena, XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren estrategiaren ildo nagusiak azaltzeko. Datozen bi hamarkadatako hizkuntza politikaren oinarri eta lehentasunei buruzko markoa finkatzen du txosten horrek, eta ohartarazten du herritarren «nahia» izango dela «enborra». Motibazioari buruz luze eta zabal dihardu Jaurlaritzaren txostenak: “Motibazioak -bai, motibazioak pluralean, motibazio berriak- lantzeko garaia da. Arauak bai, zalantzarik gabe, baina motibaziorik gabe alferrik dira arauak, eta motibazioak ere ezin du izan soilik politikoa. Motibazio berriak behar ditugu, ziurrenik elkarbizitzari eta prestigioari oso lotuak, beste zenbaiten artean euskara jakin eta erabiltzearen harrotasunari lotuak. Eguneroko jarduna da benetan erabakigarria dena hizkuntzaren bizi-indarrerako, eta motibazioak ere eguneroko jardunari lotuak izan behar dira. Ahantzi gabe, eguneroko euskarazko jarduna testuinguru eleaniztunean, baliagarritasun eta prestigio handiko hizkuntzen ondoan gertatuko dela, hots, gisa horretako hizkuntzen artean egin behar dela euskararen hautua egunerokoan”. Ikus dezagun gure “Aiaraldea” berripaperak zer dioen honi buruz: “Ezagutzaren datuak asko aldatu dira azken hamarkada honetan“, aipatu du Angela Ricok, “baina tamalez, euskararen kinka ikusirik, esango nuke euskaraz hitz egitea eta batez ere euskaraz bizitzea ez dagoela jendearen lehentasunen artean, ez da beharrezkoa ikusten, eta hau da gakoa”. Beraz, gure gurdia mugiaraziko duen indarra “beharra” da. Euskara komunikaziorako behar badugu, tresna den aldetik, beti izango dugu behar bezala olioztatuta erabiltzeko prest. Baina komunikaziorako behar ez badugu, ez dugu erabiliko eta, denboraren joanarekin, tresna guztiei gertatzen zaien bezala, herdoilak jango du. Esan dut, arestian, Gurdiaren Paradigmaren lehen axioma edo oinarrizko axioma zein den: hizkuntza, gure kasuan euskara, komunikazio tresna bat da. Beraz, tresna hori komunikaziorako, zein mailatan, zein gradutan den beharrezko, erabilera horren araberakoa izango da (baita ezagutza ere). Euskara, komunikaziorako, gero eta beharrezkoago bada, orduan eta erabilera eta ezagutza handiagoak izango ditu. Baina baterako dena, besterako ere bada: zenbat eta komunikaziorako behar txikiagoa izan, orduan eta zokoratuago eta baztertuago. Hizkuntza batek asetzen duen komunikazio beharrik oinarrizkoena haur jaioberriarena da. Abraham Maslow jaunak gizakiaren beharrak ere sailkatu zituen bere piramide ezagunean eta piramidearen oinarri-oinarrian behar fisiologikoak jarri zituen, alegia, gizakiak bizirik irauteko oinarrizkoenak direnak. Beraz, gizakiaren komunikazio beharraren mailarik oinarrizkoenean, haur jaioberria izango genuke. Hil ala bizikoa du haur jaioberriak ama duenari bere behar oinarrizkoen berri ematea. Haurtxo babesgabeak ez du gaitasunik bere kasa elikatzeko eta amarik gabe ezin du iraun. Lehenengo egun eta hilabeteetan haurrek negarra dute adierazbide eta, hizkuntza ikasteko gaitasuna garatu ahala, esan ohi duten lehenengo hitza munduko hizkuntza guztietan ia berbera da: “ama”. Gizakiarentzat ahoskatzeko fonemarik errazenak ezpainbikoak dira: m, p eta b. Baita a bokal irekia ere. Hitz egiteko saiakeran, haurraren ahotik irten ohi diren lehen soinu horiek, gurasoek beren buruarekin lotzen dituzte eta, horregatik, munduko hizkuntzetan “ama” da izenik unibertsalena. Honekin guztiarekin azpimarratu nahi dut hizkuntzaren erabileraren oinarrizko akuilua komunikaziorako beharra dela. Gizakiak hizkuntza oinarri-oinarrian komunikatzeko behar du, hori baita bere funtsezko eginkizuna. «Komunikaziorako beharretik» sortzen da hizkuntza bat ikasi eta erabiltzearen motibazioa, nahia, edo borondatea. Baina nekez izango da motibazioa, nahia edo borondatea hizkuntza baten «komunikazio beharraren» sorburu. Beharretik sortzen da motibazioa eta ez batekoz beste. Nire ustez, motibazioa, nahia eta borondatea, hizkuntzaren erabileran, bigarren mailako eragileak dira. Lehen mailakoa, ezbairik gabe, komunikaziorako beharra dugu. Borondatea, gainera, ez da nahikoa hizkuntza bat erabiltzeko: joan den 2015eko azaroan argitara eman zen ikerketa baten arabera, galesa hitz egiten duten nerabeen % 75 galesa “hizkuntza bizia” izatearen aldekoak dira. Oso aldeko borondatea dute galesarekin. Baina eskolatik kanpo ez dute ia galesa erabiltzen (% 5ak erabiltzen du interneten, % 9ak irakurtzen ditu liburuak edo aldizkariak galesez; eta telebista edo irratia % 17ak bakarrik ikusten edo entzuten du). Gainera, galesa hitz egiten duten nerabe horien % 55ak ez du uste heldutan galesa erabili beharko duenik. Euskararen aldeko borondatea izateak ez du euskaraz egitea eragiten. Azken bost urteotan, Bikain ziurtagiriaren ebaluatzaile ibili naiz, urteko enpresa banatan. Enpresa guztietan langileekin aurrez aurreko kontraste taldeak antolatzen genituen eta enpresa guztietan, handik edo hemendik, azkenean, beti antzeko aitormena egiten ziguten: “enpresan euskara plana abian jartzearekin berebiziko ezustekoak hartu ditugu. Erdaldun peto-petoak zirela uste genituen langileak euskaraz egiten hasi dira”. Zer gertatu da langile euskaldun horiekin, euskara plana abian jarri arte enpresan euskaraz ez egiteko? Enpresak euskara plana abian jarri duenean, beren burua babestuta ikusi dute euskaraz egiteko, eta orduan hartu dute euskaraz azaltzeko erabakia. Gatazkaren sindromea dute eta euskararen alde dauden arren, enpresaren hizkuntza jokaera zalantzan jarri gabe, enpresan gaztelaniak duen nagusitasunera makurtu dira. Euskaldunok ume-umetatik euskara hizkuntza gatazkatsua dela barneratzen dugu, alegia, euskaraz egiten badugu, gatazka sortzaile izan gaitezkeela. Baina, gaztelaniaz eginez gero, gatazkarik ez dugula sortuko barneratzen dugu. Gaztelaniaz eginez gero, arazorik ez. Euskaraz eginez gero, dena da arazo. Bestela esanda, euskara gatazka da eta gaztelania, aldiz, harmonia. Nork nahi du gatazkatik gatazkara ibili, etengabeko liskarrean? Inork ez. Horregatik, euskararen alde egon arren, gatazkarik txikiena sor daitekeela antzematen dutenean gaztelania erabiltzen dute euskaldun gehienek, liskarrik ez sortzeko. Euskaldunek euskaraz egiten dute euskaraz egiteko aukera dagoela dakitenean. Ez dakitenean, ez dute egiten. Euskaraz egiteko, ziurtasun bila ibili ohi dira euskaldunak. Beraz, euskararen aldeko borondatea izan arren, gatazkaren sindromeak euskaraz egitea eragozten die. Etxetik euskara jaso eta ikasketa guztiak, oinarrizkoetatik unibertsitatekoetaraino, euskara hutsean egin dituen gaztea, euskaraz erdaraz baino erraztasun handiagoz moldatzen den gaztea ere, hartu berri duten enpresan gatazka piztaile ez izateagatik gaztelaniaren uztarripean jarriko da, euskararen aldeko borondaterik handiena izanda ere. Gazte euskaldun horri ezin diogu eskatu borroka horretan sar dadin. Bide eman behar zaio, aukera errealak jarri behar dizkiogu euskaraz egiteko. Euskaraz egiteko eremu ziurrak sortu behar ditugu (ziurtasun linguistikoa), eta horretan ere, batez ere horretan, arreta jarri beharko dugu paradigma berria garatzeko garaian. Pello Jauregi soziologo eta EHUko irakasleak dio: “Motibazio pertsonal sendoan oinarritutako erabilera planak bide motzekoak dira”. Pello Jauregiren arabera, “Indar handiagoa dauka gure jokaera sozialak gure borondateak baino”. Gaur egun, egoera sozial gehienak erdararen alde daude makurtuta, baina, jokaera sozialak ezinbestean euskaraz egitea eskatzen badu, “jokabide egokitzailea” hartuko du egoera sozial horretan murgilduta dagoenak, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, euskaraz funtzionatzen duen sistema horretan desoreka ez eragiteagatik. Beraz, euskaraz egin beste erremediorik ez duten egoerak sortu behar dira; izan ere, jende gehienak aldaketa egingo du ez motibazioagatik, ez kontzientziagatik, baizik eta daukaten giro sozialera egokitu behar duelako. Euskararen aldeko egoera sozial batean murgilduta dagoena, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, euskaraz egiten ohitzen joango da, gaitasuna eskuratzen, jarrera aldatzen, euskara erabat erabilgarri bihurtuko zaio (Maslowen ez gaitasun kontzientetik gaitasun inkontzientera iritsiko da). Jarrera aldatu egingo du jokaera egokitzaile bat eduki behar izan duelako, ez nahi zuelako. Laburbilduz hauxe da gakoa: Nola sortu inertzia edo jokabide sozialak euskararen erabilera ezinbesteko bihurtzeko, arau sozial bihurtzeko? Euskararen paradigma berria aplikatzeko, burua horretan ere jarri beharko dugu. Jon Sarasuak bere “Hiztunpolisa” liburuan esaten duen bezala: “Euskal hiztun izateak eskatuko ditu baliabide arrazoibidezkoak, psikologikoak...”. Eusko Jaurlaritzak ere “Hemendik aurrera zer?” txotenean ere halaxe dio: “Faktore objektiboek ez ezik, subjektiboek ere erabileran modu erabakigarrian eragiten dute. Faktore subjektiboei buruz, ordea, gutxiago dakigu faktore objetiboei buruz baino, eta uste dugu ematen zaien garrantzia baino handiagoa eman beharko zaiela datozen urteotan”. Argi eta garbi mintza gaitezen: beharrezkoa ez dena desagertu egiten da. Darwinek ere hala frogatuta utzi zigun hautespen naturalaren teoriarekin. Non da beharrezko euskara? Gizarteko zein eremu funtzionaletan da ezinbesteko? Inon ez. Gure hizkuntzaren etsaiek ere ahuleziarik handiena dagoen tokira zuzendu ohi dituzte erasoak: Carlos Salvador UPN alderdiko diputatuak bere Twitterreko kontutik hauxe zioen joan den urtarrilaren 15ean: “Obligar a aprender un segundo idioma para poder hablar con los mismos -ni uno más- con los que ya te comunicas con el primero ¿Es necesidad?” Honela belarriratuko genuke, gurera ekarrita: “Bigarren hizkuntza bat ikastera behartzea, berdin-berdinekin hitz egiteko, -bakar bat gehiagorekin ez- aurreneko hizkuntzarekin komunikatzen zarenean, beharrezkoa al da?”. Jacinto Benavente antzerkigile eta literaturako Nobel saridunak zera esaten zuen: “Nire etsaien beldur naiz, bakar-bakarrik, arrazoi dutenean”. Batek baino gehiagok esango du, euskarari dagokionez, beti begiratzen diogula gure ahulari, ez gure ahalari. Baina hasierako esanera nator berriro: “arazoari heltzen badiozu, konponbidearen erdia egina duzu”. Gaur egun, erabilera-esparrurik hurbilekoenean, intimoenean ere euskara ez da beharrezko. Euskal Herriko etxe eta sukaldeetan euskara ez dugu komunikaziorako beharrezko. Orain 100 urte, joan den mendearen hasieran, etxe askotan eta baserri gehienetan zen ezinbesteko euskara etxeko kideen arteko harremanetarako. Orain 100 urte, gaur ez bezala, euskaldun elebakarrak zeuden, ez gutxi gainera, Euskal Herriko etxe eta baserrietan. Gaur egun, aldiz, Euskal Herri osoan, etxeko kide guztiek dakite erdaraz mintzatzen: gaztelaniaz hegoaldean eta frantsesez iparraldean. Hala ere, beti horrela ez dela aitortu behar dizuet: gogoan dut gure alaba, 5-6 urte zituela, nola etorri zen behin eskolatik negar batean. Zer zuen galdetuta hauxe aurpegiratu zigun negar-zotinka: “Gaur, lehenengo aldiz, gaztelera izan dugu eta den-denek zekiten, zergatik ez didazue erakutsi?”. Beraz, 5-6 urte arteko haur batzuk ditugu gaur egungo euskaldun elebakar eta ale bakar. Euskaraz mintzo diren etxe gehienetan, euskaraz egiten dute gurasokrazia dagoelako. Eguneroko otorduetan zein janari plantatuko den bezalaxe, gurasoek erabakitzen dutelako zein hizkuntzatan mintzatuko diren etxeko kide guztiak. Otorduetan menua hautatzeko aukerarik ez dagoen bezala, ez dago aukerarik erdaraz egiteko. Gainera, etxe askotan, autoritatea halamoduzkoa izan ohi da: haurrei euskaraz egiteko agindu, baina gurasoen artean erdaraz jo eta su. Izan ere, guraso asko (eta haur asko ere bai), hobeto, erraztasun handiagoz, moldatzen dira erdaraz; naturalago egiten dute Cervantesen edo Julio Verneren hizkuntzan. Zenbat denbora iraun dezake gurasokrazia horrek etxe horietan? Zenbat denbora iraungo du gurasoen aginte eredu linguistiko horrek? Familia giroa dugu diglosiaren azkenetako gordelekua, azkena ez bada. Euskal Herriko etxeetan diglosiak gero eta arrakala eta pitzadura handiagoak ditu, gero eta itogin gehiago, erdara leiho guztietatik sartzen baitzaigu, batik bat, digitaletatik eta ikus-entzunezkoetatik. Gainera, datu soziolinguistikoek ere ez dute alaitasunerako aukerarik ematen: 1991n, EAEko euskaldunen %63 etxe guztiz euskaldunetan bizi ziren, alegia, kide guztiek euskaraz egiten zuten etxeetan. 20 urte geroago, %40ra jaitsi da kopuru hori. Etxe mistoetan bizi diren biztanleen kopurua hazi egin da, eta, beraz, etxean euskaraz aritzeko aukerak murriztu egin dira. Diglosia ezari-ezarian desagertzen ari da euskararen babesleku den azken esparru sozio-funtzionaletik, eguzkitan lurmentzen den elurra bezala. Hori du arriskuetan nagusiena hizkuntza gutxitu orok: azken gotorlekua den familia esparrutik diglosia desagertzea. Mikel Zalbide soziolinguista eta euskaltzainak 2015eko urriaren 30ean, Koldo Mitxelenaren gorazarretan Euskaltzaindiak Gipuzkoako Foru Aldundian antolatutako ekitaldian, Mitxelenak euskara biziberritzeko zein bide ikusten zuen izan zuen aipagai bere hitzaldian. Honela zioen hitzez hitz: “ Aukera bakarra gelditzen da: diglosia bai, elebitasuna bai. Ez behinolako diglosi molde zaharra, azken hatsa gure begien aurrean ematen ari dena. Bai, ordea, luze-zabaleko konpartimentazio sozio-funtzional (eta, agian, territorial) argiz euskarari ingurumen jakinetan bere lekua segurtatuko diona, euskaldun jendearen belaunez belauneko jarraipena segurtatzeko gai izango dena eta, hortik abiatuz, bestelako zabalkunde-lanari oinarri argirik eskainiko diona”. Eta honela jarraitzen du Mikel Zalbidek: “Aukera hori ez da batere erraza, hainbat motiborengatik. “Benetan funtzionatuko duen” konpartimentazio-sistema berria zein ardatz kontzeptualen gainean eraiki behar da?” Zalbidek berak, neurri batean, aitortzen du diglosiaren amaiera (“Azken hatsa gure begien aurrean ematen ari dena”) eta “konpartimentazio-sistema berria” deitzen dio diglosiaren ondoren euskara biziberritzeko sortzea komeni den sistemari. Nire uste apalez, “konpartimentazio-sistema” berria Beharraren edo Gurdiaren paradigman oinarritu behar dugu. Konpartimentazio-sistema berria sortzeko (euskararentzat gune hegemonikoak sortzeko), euskara erabiltzearen aldeko jokabide sozialak eta inertziak sortu behar ditugu, euskararen erabilera arau sozial bihurtuz, euskararen erabilera ezinbesteko bilakatzeko. Cañaveral edo Kennedy lurmuturretik espaziora jaurtitzen dituzten espazio-ontziek energiarik handiena atmosfera igarotzeko behar dute. Behin atmosfera gainditutakoan inertzia indarra nagusitzen da. Horixe egin behar dugu guk geuk ere euskararekin. Euskararen erabilera arau sozial bihurtzeko helburuari begira jarri behar dugu gure iparrorratza, euskararentzat konpartimentazio sozio-funtzional edo gune hegemoniko ahalik eta gehienak irabaziz, euskararen benetako hiztun interaktiboei ziurtasun linguistikoa eskainita. Izan ere, horrela, euskaraz egin beharreko egoerak sortuta, eta ez bestela, etorriko da gaur egun gaztelaniaz edo frantsesez euskaraz baino erraztasun handiagoa duten euskaldun berrien jokabide egokitzailea, alde batetik, eta, euskara etxekotzea, bestetik. Euskaldun berriak euskaldun herria bihurtu behar ditugu. Euskararen belaunez belauneko iraupen-bidean euskara etxetik kanpo ikasi dutenek euskara etxeko bihur dezaten izango dugu ondorengo 50 urteetako jomugetako bat. Beste jomuga bat, eta ez apalagoa, erdaraz euskaraz baino erraztasun handiagoz moldatzen diren euskaldunak euskarazko jokabidea gailentzen den bizibidera ekarri behar ditugu. Baina aurreko bi helburu horiek lortzeko euskararen estatusean aldaketa ezinbesteko bat eragin behar dugu: euskara beharrezko bihurtzea, komunikaziorako beharrezko bihurtzea. Euskararen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekarri nahi badugu, bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izateko bidean jarri nahi badugu, azken batean, euskara gizartearen ardatzean jarri nahi badugu, nahitaez, Euskal Herriko herritarren balio-eskalan euskarak garrantzi handiagoa irabazi behar du eta hori bide bakar batetik lortuko dugu: euskara Euskal Herriko herritarren gizarte bizitzan komunikaziorako beharrezko eta ezinbesteko bihurtuta. Izan ere, gaur egun, euskara, bere txikitasunetik, bere funtzionaltasun eskasetik, herritarren begietara, hutsaren hurrengo azaltzen da gaztelaniaren eta frantsesaren ondoan. Lluís Vicent Aracil Valentziako soziolinguistaren hitzetan, euskararen ahuleziak gaztelaniaren garrantzia eta beharra are eta nabarmengoa egiten du: “El euskara subraya la importancia del castellano”. Beharra bizilege Orain arteko paradigmaren tresna nagusia eskola izan den bezalaxe, “Elefantea ikusi” artikuluak ziklo berrian garatu beharreko paradigmaren tresnarik eraginkorrena lan-munduan ikusten du. Gizakia gizaki denetik bere oinarri-oinarrizko behar nagusia betetzeko, elikatzeko, beharrean ibili da, badabil eta hala ibili beharko du gizaki den artean ere. Lana izan da gizakien zeregin nagusia historiaren sokan. Berak betetzen zuen bizitzaren ia denbora guztia. Haitzuloetako urrutiko garai haietan, auzokide eta, askotan, elikagai zituen basapiztiek bezalaxe, gizakiek ere bere denboraren zatirik handiena elikagai bila pasatzen zuten. Elefanteaz ari garenez, ba al dakizue elefante batek zenbat denbora behar duen egunean elikatzeko? Elefante batek egunean 16 ordu pasatzen ditu jaten. Izan ere, elefante bakar batek egunean 220 kilo janari sartzen baititu urdailean. Gaur egungo gizarte antolaketan ere, esna egiten dugun denboraren erdia, askotan gehiago, lanean igarotzen dugu. Lana dugu gizakioi bizitzako urte gehien eramaten digun jarduera (40-45 urte). Gainerako izaki bizidunek ez bezala, lana edo beharra gizakiak berezkoa duen jarduera da. Lanaren bitartez gizakia mundura, bere ingurunera, egokitu ahal izan da eta mundua eraldatzeko gaitasuna eta ahalmena garatu du. Lanak arrazoian du oinarria eta gizakiak hori du bereizgarri gainerako piztiengandik. Lana da gure gizarte antolaketaren jarduera garrantzitsuena. Gizarte modernoa, historiaurrekoa bezalaxe, lanaren gainean dago egituratuta. Gaur egungo gizarte aurreratu guztiek lana dute ardatz. Lana eginez lantegien emaitzak lortzen dira, lantegien emaitzekin ekonomia indartu egiten da eta, hain zuzen ere, ekonomiari begira dugu antolatuta gure gaurko mundua. Ekonomiak huts egiten badu, lanak huts egiten badu, gure mundua goitik behera dator, erabateko deskalabroa eraginez. Lanaren garrantzia gaur egungo estatu moderno guztietako legedietan ere aitortzen da, oinarrizko eta funtsezko giza-eskubide gisa. Gizakiak berezkoa du lana eta bere izanari, bere gizakitasunari lotuta dago. Gizakiak, duintasunez bizi ahal izateko, lana funtsezko jarduera du. Beraz, gizakiak, bere garapen pertsonalerako, ezinbestekoa du lana edo beharra. Psikologiaren arloan ere lana funtsezko jarduera da gizakiaren autorrealizaziorako. Maslow jaunaren piramideak gizakiaren premiak bost mailatan sailkatzen ditu. Lana maila guztietan funtsezko jarduera dugu gizakiaren beharrak asebetetzeko. 1. maila: fisiologikoa (jan, edan, jantzi, garbitu, lo egin); 2. maila: Segurtasuna (segurtasun ekonomikoa, baliabideak, osasuna); 3.a: Harremanak/gizakidetasuna (kidetasuna, familia, adiskideak, lagunak, maitasuna); 4.a: Estimazioa/ aitormena (estatusa, prestigioa, errespetua...); 5.a: Autoerrealizazioa. Eusko Jaurlaritzak aurreko astean (2016-02-4), "Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren lanketa" (EGOD) egitasmoaren berri eman zuen eta herritarren artean adostasunik handiena duten 21 ideien zerrenda aurkeztu zuen. Ideia horien guztien artean, herritarren artean adostasun handiena duena, eta aurkeztutako ideia zerrenda horren lehenengo tokian dagoena, % 96ko adostasunarekin, hauxe da: “Haurrek ingelesa jakitearen garrantzia”. Hain zuzen ere euskal herritarrentzat garrantzitsuena lan-mundua da eta oso barneratuta dute ingelesa behar-beharrezkoa dela. Horregatik, gure hizkuntzari, hortik ere hainbat eraso etorri zaizkio. Carlos Salvador UPN alderdiko gure lagunak hauxe idatzi zuen 2016-01-15ean twitterreko bere kontuan: “Estudiar euskera no es una necesidad educativa. Garantizar el dominio del inglés ofrece más posibilidades para encontrar trabajo. Fácil”. Gaur egungo gizartean bizitzako lehen 25 urteak lanera begirakoak ditugu. Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroan jasotako heziketa eta prestaketa oro lan munduari zuzenduak dira. Lanaren garrantzi soziala ukaezina da, toki bat ematen digu gizartean, baita gizarte maila bat ere. Historiaurrean bezalaxe, gaur egun ere, lana taldeko jarduera da, jarduera soziala. Jarduera soziala den aldetik gizon-emakumeen arteko elkarrekintza etengabea gertatzen da laneko eremuan eta harreman horiek eragin betea dute etxean, familian eta lagunartean. Estatistikoki, lantokia da bikote harreman gehien sortzen den esparrua, baita lagunarteko harreman askoren sorlekua ere. Ez alferrik, esna igarotzen ditugun ordu gehienak lanean igarotzen baititugu buruz buruko harremanetan, bilera, kafe-hartze, bidaia, lan-bazkari eta abarretan. Gaur egun, lan-munduko harremanak pertsonen arteko harreman intimoenetarako eta hurbilekoenetarako zubi izaten dira. Lan harreman horietan sortutako hizkuntza ohiturek eragin betea dute lankideen arteko bikote harremanean eta, elkarbitzitzarako pausoa emanez gero, baita etxeko hizkuntza ohituretan ere. Lan-mundua euskalduntzeko dinamika eraginkorra abian jarriz gero, eragin betea izango luke etxetik hurbil dugun kafetegian eta tabernazuloan, janari dendan eta okindegian, kirol-ariketak egiteko gimnasioan edo min hartutakoan hitzordua eskatuko dugun kirol-medikuaren kontsultan. Izan ere, horietan guztietan lanpostuak daude, eta lantoki horietatik herritarrei zerbitzu zuzenak ematen zaizkie. Beraz, euskarak gizartean garrantzia eta zentralitatea irabazteko giltza lan-mundua dugu. Goldaketa lanak amaitu ditut eta, honenbestez, amaiera emango diot gaurko jardunari. Horretarako Txerra Rodriguez soziolinguistak argitaratu berri duen liburutik (“Sutondoko kontuak”) hartutako ideia batekin amaituko dut: estalagmita bat egiteko tanta guztiak beharrezkoak diren bezalaxe dira beharrezko hizkuntza baten hiztunak. Ea nire gaurko tanta honek zerbaitetarako balio duen. MILA ESKER euskara maitatzeagatik. Patxi Saez Beloki soziolinguistak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian emandako hitzaldia 2016-02-12an. Elefantea, autoritatea, zorua eta beste. Alex Vadillo Oso istorio ezaguna da. Zenbait gizon itsuk elefante baten gorputza ukitu behar zuten, nolakoa den jakiteko. Bakoitzak atal bat ukitu du, eta ezin dira ados jarri: tronpa ukitu duenak suge luze baten antza duela dio; hanka ukitu duenak zuhaitz-enbor baten modukoa dela uste du; belarria ukitu duenak abaniko baten itxura hartu dio… Inork ezin du elefante osoa irudikatu. Iruditzen zait puntu horretan gaudela. Aurrean elefante bat dugula adostu dugu. Elefante nolakoa den adostea falta da. Bada horretarako lana. Paradigma berria. Ezagutza eta erabilera gurdi bereko bi gurpilak dira: ezinbestean elkarrekin biratu behar direnak, gurdia ondo ibiliko bada. Beharra da gurdiaren ardatza. Patxik bete-betean asmatu duela iruditzen zait. BEHARRA DA GAKOA. “Beharrezkotasuna”. Era ezberdinetan formulatu daiteke: arnasgune (geografikoak zein soziofuntzionalak), espazio normalizatuak, espazio hegemonikoak, dentsitate handiko guneak… edo -Patxik dioen moduan- “euskaraz egiteko ziurtasun eremuak”. Autoritatea Lidergo-kontuak zailak dira Euskal Herrian. Euskaltzaindiaren antza izango duen zerbait eskatzen da, edota Euskaltzaindiak berak lidergoa izatea. Ez dakit, bada. Manex Agirrek arrazoi du: «Euskaltzaindiaren antza izatekotan izan dezala, autoritate-izaeran, eta ez lan-metodologian eta dinamismoan». Kritika gogorxeagoak ere entzun dira (dinosaurioak, gerontokrazia…). Euskaltzaindia aldatu da garai batetik hona, baina onartuko didazue, oraindik ere, baduela elitismo kutsu nabarmen bat. Iruditzen zait autoritateari beste zentzu bat eman behar diogula, edo bestelako autoritate mota bat eraiki. Kike Amonarrizek “lidergo partekatuaz” hitz egin zuen: ados. Euskararen munduan “lidergo eraldatzaileaz” ere hitz egin izan da: aktibazioa bilatzen duen lidergoa; nork bere ardura hartzera animatzen duena; prozesuak abian jarri eta prozesuei eutsi egiten dien autoritatea, prozesu horien emaitza baldintzatu gabe. Horrelako zerbait behar dugu. Ez inork gogoeta burutsua egin, eta gero horren berri ematea, baizik eta gogoeta prozesu kolektiboa: euskara elkarteetan, euskara zerbitzuetan, enpresetan… Imajinatzen duzue? Kolosala litzateke. Zoru komuna Topalabeko kideen arabera, zoru komuna da “izaera anitzeko euskaltzaleok maila kolektiboan partekatzen dugun konpromiso-esparrua, non euskaldunontzat eremu komun eta eroso bat egongo den, bizitzeko, elkarrekin lan egiteko, eta etorkizun-proiektu bat partekatzeko”. Hortaz, zoru komuna ezin da izan alde bateko eta besteko jarreren arteko zatitzaile komun handiena (iritzi guztien % 80, mutur bateko eta besteko % 10 kendu ostean). Bi gauza ezberdin dira, ezta? (ALEX VADILLO OTXOA Euskara teknikaria eta Allartean soziolinguistika blogaren sortzailea da) Estreinakoz Allartean blogean argitaratua 2016-02-21ean. Egundoko ekarpena. Arkaitz Zarraga Euskaltzaindiaren hautuaz, bozka ere eman dut. Egungo Euskaltzaindiaren ezaugarriak ezagututa zalantzak sartzen zaizkit, baina oro har proposamena egokia, aproposa eta bizi dugun unean “oportunoa” iruditzen zait. Denok dakigu gure herrian administrazioa-herrigintza dagoen dikotomia horrek sokatira baten antza hartzen duela. Ni neu argi kokatzen naiz sokamutur batean bereziki, baina argi daukat gainditu beharreko ezinikusi, gaizkibegiratu eta elkartrabatze asko daudela. Zentzu horretan, eta Sagrariok adierazten duen bezala, historia oparoa du Euskaltzaindiak. Jagon sailak berriro ere protagonismoa hartu behar du. Sagrariok aipatutako guztiez gain, nik EUskararen liburu zuria ere aipatuko nuke. Baina gainera, etxe santu horretan ere aldaketa baten beharra dago. Corpusari hainbeste begiratu barik, estatusari begiratzeko unea du, filologiatik urrundu eta soziolinguistika, hizkuntzaren soziologia, antropologia, hizkuntza politika, pragmatika... gehiago behar da. Berdin ere unibertsitatean, baina hori ere beste baterako utziko dugu. Bestela, zure hitzaldiaz esan behar dizut erabat ados nagoela aipatzen duzunarekin. Erabilera indartzea, belaunaldiz belaunaldiko jarraipena edo ondorengoetaratzea eta estatusean aurreratzea, zalantzarik gabe erronka nagusiak dira. Estatusarena zentzu zabalean, hau da, lege estatusetik gizarte mailako prestigiora. Hor kokatzen da lan munduaren garrantzia, jakina. Ondo osatuta dago publikotik egindako lehen ekarpenean (Elefantearen testuari egindako ekarpenetan bezala) komunikabideak (ETB) eta Internet aipatzean. Agian piska bat zehaztea falta da paradigma bera iraultza zientifikoan datzala esatean zertaz ari zaren, Zein zientziatik edan behar dugun. Nik oso argi dut, adibidez, egundoko inbertsioa egin behar dugula hizkuntzaren irakaskuntzan. Batez ere Helduen Euskalduntze Alfabetatzeari dagokionez. Izan ere, hortxe prestatuko ditugu pertsonak lanean aritzeko, baina gainera, euskaltegietatik irtenda, lan-munduko plangintzak garatzen jarriko bagenitu euskaltegiak, egun euskaltegietara hurbiltzen ez diren euskaldungaiengan eragiteaz gain, “euskaldundu” direnengan ere eragingo genuke, testuinguruan eragingo genuke, erabileran zuzenki eragingo genuke... Horretarako egokia da HABEren curriculuma, zientziatik egoki edan baitu, baina oso testu puntakoa izateak ez du ezertarako balio gerora aplikatzen ez badakigu, langileak inork trebatzen ez baditu... Aipatzen duzun DALEren piramidea sarritan erabili dut nire ikastaroetan. Oso baliagarria iruditzen zait erakusteko ze gaizki ari garen Hizkuntza Eskakizunen diktadura pean Euskalduntze Alfabetatzean eta zelan testuinguruen baitan irakatsita askoz eraginkorragoak izango ginatekeen. Maslowren bigarren mailatik hirugarrenerako bidean dauden horiei laguntzeko bide horietan sakondu beharko genuke zalantzarik gabe. Tira, hortik doa nire harrikada (harrikadetako bat), baina zure paradigman oso egoki kokatuta ikusten dut. Horregatik sentitzen dut erabateko sintonia azken aldian entzuten diren zenbait joerekin. Kontua da ez dakidala zer egin behar dugun behingoz eztabaidatik neurri jakinetara pasa ahal izateko! Patxi, nirekin konta dezakezu bide honetan sakontzeko. Galderak badituzu bota lasai, ekarpen jakinen bat nahi izanez gero, eskatu. Eta, batez ere, jakin ezazu bide onetik zoazela uste dudala eta kriston ekarpena egin duzula iruditzen zaidala. Espero dut minbizi madarikatu hori gainditzea eta gerora eskerrak ematea “bitxoari” eman dizun adore eta bultzadagatik. Bejondeizula eta nahi duzun arte. (ARKAITZ ZARRAGA AZURMENDI Basauriko euskaltegiko irakaslea da, trebatzaile lanetan) Elefantea gidari ona da. Joxe Manuel Odriozola Berria egunkarian argitaratu zenuen "Euskara, beharra da gakoa" artikulura mugatuko naiz nire hausnarketa labur honetan. Horko pasarte batzuk oso mamitsuak direnez, badago zer pentsatua zuk formulatutakoaren hariari tiraka. Besteak beste, diozu, hizkuntza minorizatuak “beren hiztunek dituzten komunikazio behar guztiak betetzen ez dituzten hizkuntzak” direla, “beste hizkuntza batek, menderatzaileak, beren komunikazio-esparru eta funtzioak bereganatu dituelako”. Ez da abiapuntu txarra zurea: zer egin behar dugun jakiteko, zer egin diguten jakitea baino gauza hoberik ez dago. Estatuaren hizkuntza nazional hegemonikoak goitik behera hizkuntza menderatuaren funtzioak irentsi ditu, azken honek bere-bereak zituen funtzio arruntak ere zurrupatu arte. Ondorio adierazgarria: hizkuntza menderatzaileak hizkuntza menderatuaren funtzioak blokeatu eta are ordezkatu egiten ditu funtzioen botere-hierarkia dela medio. Patxi, funtzio kultural eta sozioekonomikoak gutxietsiz euskararen funtzio arruntak indartu nahi dituztenei ohar txit argigarria egin diezu hor. Zure bigarren ohartarazpenari ere argitasunaren txinparta dario. Lehendabizi diozu hizkuntzaren erabileraren araberakoa izango dela ezagutza. Eta ondoren, galdetzen duzu gaur egun non den beharrezkoa euskara. “Gizarteko zein eremu funtzionaletan da ezinbesteko? Inon ez. Euskara bigarren mailako hizkuntza dugu”. Honako hitzokin bukatzen duzu pasartea: “euskararen ahuleziak gaztelaniaren garrantzia eta beharra are eta nabarmenagoa egiten du”. Mamitsuak dira, mamitsuak direnez, zure hitzen mezuak. Zure lehendabiziko ideiak maiz pentsatu izan dudan burutaziora narama: alegia, hizkuntza baten ezagutza erabileraren mendeko kontua dela, ez dela prozesu autonomo bat, ez dela praxirik gabeko jakite teoriko formal bat. Hizkuntza baten jakite maila erabilera osoak, alegia, orotariko sozializazioak, ez eskolakoak bakarrik, determinatzen duela. Hizkuntza baten gaitasun komunikatiboa ez da gaitasun kognitiboa, akademikoa eta formala soilik, sozializazio eta erabilera orokorrari esker lortzen den gaitasun integrala dela. Pasarteko bigarren puntuaren bukaeratik hasita, gutxitan azpimarratzen den ideia bat jo duzu begiz: hau da, euskararen egoera zinez zertan den jakin nahi duenak, ezin dio euskarari soilik begiratu, erdararen estatus soziolinguistikoari ere so egin behar dio. Bi hizkuntzen arteko dialektika soziolinguistikoaz eta politikoaz mintzo ez zaigun diskurtsoa ez da sinesgarria. Engainagarria da erabat. Eta diskurtso mota horrek bizi gaitu inoiz baino gehiago gaur. Diskurtso aldaketaren izenean, diskurtso euskaltzalea gero eta otzanagoa bihurtzen ari da. Itxurak itxura, diskurtso ofizialaren aldaera-trazak hartzen ari da egunetik egunera. Hizkuntzaren beharrezkotasunaz, berriz, zer esango dizut nik? Zerorrek ondo baino hobeto diozu: bigarren mailako hizkuntzak bigarren mailako herritar egiten gaitu, gure euskalduntasuna ez da giza duintasunari dagokion neurrikoa. Duintasunaren neurria zer den jakin nahi duenak, berriz, azter beza erdaldunaren estatus soziolinguistikoa, hor aurkituko du hitzaren neurriko egoera. Beharrezkoa ez den hizkuntzak ez gaitu gizaki oso egiten, eta, horregatik, euskarak ez gaitu euskaldun egiten. Eta norbaitek sinetsarazi nahi badigu beste hizkuntza batekin edo batzuekin batera egiten gaituela herritar euskaldun, ez sinetsi. Gainerako hizkuntzak ez ditugu behar ezertarako euskaldun izateko. Hizkuntza horiek behar ditugu nazio-hizkuntzaz haraindi dauden funtzio komunikatiboak asetzeko. Ez bestetarako. Izan ere, euskaraz bizitzea ezin da izan bigarren mailako hizkuntza batean bizi eta erdara menderatzaileak euskara menderatuak bete behar lituzkeen funtzioak betez euskaldunon duintasuna osatzea. Bigarren edo hirugarren hizkuntza osagarria eta aberasgarria izango zaigu axioma soziolinguistiko hau betetzen den neurrian: hau da, euskarak nazio euskaldunaren funtzio komunikatiboak bete beharko ditu, zeren eta hori gertatu ezean, gure euskalduntasuna euskalduntasun diglosikoa (ohiko zentzuan, ez jatorrizkoan), etnikoa, artifiziala eta marjinala izango da. “Lana da gure gizarte antolaketaren jarduera garrantzitsuena”: horra zure beste iritzi bat. Bete-betean asmatu duzu gai horretan ere: “sozializazioaren faktorerik garrantzitsuena lana da”, dio batetik Andre Gortzek. Eta bestetik: “kohesioa eta herritartasuna oinarritzen diren lana” ezin da murriztu nolanahiko ‘lana’ kontzeptura, zeren eta “lana kategoria antropologikoa izateaz gain, gizakiaren bizi-iraupena bermatzen duen beharrizana da” (“Metamorfosis del trabajo”, 1995). Labur-zurrean: lanak bizi du gizakia beste ezerk baino areago. Oker ez banago, esan izan duzu hezkuntza sistemak euskalduntzen duena lantegi erdaldunak zapuzten duela. Ez dakit zure hitzak horiek diren, baina zure aburua hor nonbait ibiliko da. Zure pertzepzio soziolinguistiko zolia euskarari buruz egiten diren azterketa, inkesta eta neurketa guztiak baino fidagarriago da. Lanaren mundua indar soziolinguistiko erdaldunen esku dagoen bitartean, D ereduaren inguruan guztiz zabaldua eta onartua dagoen ilusioa iruzur bat besterik ez da arnasguneak salbuetsita. Jadanik ez da nahikoa eskolak ez duela euskalduntzen esatea, bada ordua zera eransteko ere: alegia, D ereduak ez duela euskalduntzen gaurko baldintza soziolinguistikoetan, euskalduntzea gaitasun komunikatiboa eskuratzea baldin bada. Eta ezin da besterik izan. Gure agintari autonomikoei ahantzi egin zaie nonbait, hizkuntzak ikasi baino errazago ahaztu egiten direla, eta eskolan ikasitakoa, jarraipenik ezean, erdal itsasoan itota ahanzten dela. D ereduak ez du euskalduntzen, berez ezin duelako halako helbururik erdietsi. Ez al dugu bada gorago berretsi honako axioma honen zuzentasuna: hots, euskaldundu, sozializazioaren kate-harreman osoak bakarrik euskaldun dezake, ez pertsonaren bizitzako aro eta molde jakin batek. Euskaraz bizi ezean ez dago euskaldun izaterik. Euskaraz bizitzeak bakarrik ahalbidetzen duelako ahoz eta idatziz behar adineko erabilera eta motibazioa garatzea, eta, ondorioz, gaitasun komunikatibo nahikoaren jabe izatea. Zure proposamenak hirugarren transmisiora garamatza. Batetik, hizkuntzaren transmisio naturala daukagu: nolabait esateko, funtzio lokalera eta etnikora mugatzen da bere egitekoa. Bestetik, transmisio kulturala, hizkuntza nazionalaren hezkuntzazko eta hedabidezko funtzio kognitibo eta informatiboak bilduko lituzke bere baitan. Hirugarren funtzioa funtzio sozioekonomikoa izenda dezakegu, zure eskariaren zentzuari jarraiki. Bizitza sozioekonomikoaren oinarri eta egitura material, teknologiko eta pragmatikoak ehuntzen eta gauzatzen dituen jarduera mota, hain zuzen. Lanaren eta hizkuntzaren arteko harremanez ari garenez, zilegi bekit harreman horren ikuspegi filosofikoaz hitz erdi bat hemen landatzea. “Lanaren eskutik eta lanaren bidez sortu zen hizkuntza (Marx eta Engelsen ustea zen hau), eta auzi horri buruz dagoen azalpen zuzen bakarra horixe da. (…) Lehendabizi lana, eta gero, horrekin batera, hitza: horra hor bi akuilu nagusiak”. Beharbada ez zebiltzan oso oker marxismoaren sortzaileak. Lana baitu gizakiak oina-oinarrizko beharrei erantzuteko baliabide-iturria, beste ezer baino lehen ase beharrekoa. Eta beharrizan hori baldin bazegoen hizkuntzaren sorrerako zioetan, oraingo gizakiaren beharrak ere lanaren bidez asetzen dira orduan bezala ez bada ere. Guztiz zentzuzkoa da, beraz, zuk baietsi duzuna: lana da pertsonaren bizitzako “jarduera garrantzitsuena”, jarduera garrantzitsurik baldin bada. “Lanerako edota beharrerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean” euskarak ez du etorkizunik zure ustez. Nik erantsiko nuke kultura soziolinguistikoaren oinarrizko printzipio bat ezarri duzula euskararen aldeko borroka-leku ideologikoan eta politikoan. Hizkuntza plangintzan eta glotopolitikan lehentasunik baldin badago, lanaren eremuari zor zaio lehentasun hori. Eta arrazoia begien bistan dago: botere-gune estrategikoa da ekonomiaren sistema, eta sistema estrategiko horretatik kanpo dagoen komunitate linguistikoa hotzak akabatzen dago. Bizitza materialaren, sozialaren eta kulturalaren erreprodukzioan esku hartzen ez duten hiztunak eta hizkuntzak ezin dira produzitu eta erreproduzitu bere baitako erregulazio mekanismoetan. Zerraldoa edo bizi-iraupen artifiziala: horra zer daukaten zein atarian. Euskarari bigarrena opa dio botere-sistema autonomoak Hegoaldean, aurrenekoa Frantziak Iparraldean. (JOXE MANUEL ODRIOZOLA LIZARRIBAR gizarte-hizkuntzalaria da) Paradigma berriaren osagai funtsezko batzuk. Mikel Irizar Intxausti Kaixo Patxi! Irakurri diat hire artikulu mardula eta, nabardurak gorabehera, bere horretan osorik egiten diat nire. Zorionak horrenbeste hari mutur hain ondo harilkatzeagatik! Beste kontu bat duk ea hire artikuluan egiten dituan azpimarrak eta proposatzen dituan metaforak paradigma berri bat osatzera iristen diren, nik esango nikek oraindik ezetz. Berez paradigma hitzak adiera ezberdinak ditik, eta lehenik horretan jarri beharko gintzakek ados. Ni ez nauk teorikoa, baina praxi oso interesgarria bizitzen ari nauk azken boladan. Eta hortik ikusten diat euskararen inguruan eraikitzen ari den paradigma berriaren osagai funtsezko batzuk ondokoak direla: Euskararen normalizazioa prozesu bat da (ez estatus bat) eta euskaltzaleon erronka da bere adierazle oinarrizkoek hazkunde erritmo jarraitu bat erakustea. Euskararen normalizazioan ez dago helburu finalista bermatzaile bat, inertziak beti izango ditu kontra, Beraz, beti beharko du hiztunen eta erakundeen konpromisoa, hobe dugu agoniak baztertzea. Euskararen normalizazioa gauzatuko da esparru eta funtzio garrantzitsu batzuetan -ahalik eta gehienetan, ez dira inoiz guztiak izango- euskaraz egitea ohiko edo ez egitea arazo bihurtzen direnean. Euskararen normalizazioan onartu beharko dira higadura esanguratsuak isolamenduaren ondorioz sortu ziren arnasguneetan; euskara nonahi eta beti egongo da beste hizkuntzaren batekin igurtzian. Euskararen kalitatean edo jatortasunean ere onartu beharko dira higadura handiak, hizkuntzaren hedapena eremu gero eta 'arrotzago'etan gauzatuko bai da. Euskararen posizio soziala izango da hiztunon posizio sozialaren araberakoa; euskaltzaleok hegemoniko garen esparruetan euskara hegemoniko izango da ("pintan vascos" esaten dik nire lagun batek). Euskarak aurrera egin dezan euskaltzaletasuna auspotzea bezain baliotsua da kontrakotasuna desaktibatzea. Horretarako eraiki behar dira diskurtso inklusiboak (askatasuna, berdintasuna, justizia), helburu partekatuak (hizkuntza berdintasuna), tarteko esparruak (hizkuntza simetria), autoritate zientifikoak (Soziolinguistika Institutua), praktika erraztaileak (ulermena berariaz lantzea)... Gurea bezalako gizarte konplexuak polizentrikoak dira eta ez dute amets bakarra partekatzen, baizik eta amets ezberdinez osatutako konstelazio bat. Euskaltzaleon egitekoa da euskara ondo kokatzea konstelazio horretan. Euskararen aldeko dinamikan jauzi handia egin liteke ikuspegi edo paradigma partekatu baten inguruan adostasun sozio-politiko zabala sortzen bada, horrek sortuko lukeen ilusioari esker Beno, horiek batzuk dituk (eta eztabaidatzekoak) nire eguneroko esperientziatik atera eta bapatean zerrendatuta. Oro har, oso baikor sentitzen nauk. Umiltasun handia zagok alde ia guztietan, bai ekonomikoa (murrizketen eraginez) eta bai intelektuala (zalantza partekatua) eta aspaldi ez bezala errespetuz hartzen diagu elkar. Orain behar ditiagu eztabaidarako eta gogoetarako foroak, eta iritziak partekatzeko sareak. Zentzu horretan, oso estimagarria eta txalogarria duk hire ekarpena, Patxi, mila esker. Besarkada bat eta animo! (MIKEL IRIZAR INTXAUSTI Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria da Gipuzkoako Foru Aldundian). Une egokia izan daiteke euskalgintzak hurrengo urratsak emateko Karmelo Aiesta Kaixo, Patxi! Euskararen normalizazioak gizarte-eraldaketa galanta eskatzen du. Eraldatze-prozesuak arrakastatsuak izan daitezen, ezinbestekoa da aldatzeko premia-sentimentua indartzea eta erdigunean kokatzea arazoaren eztabaida. Zalantza barik, eragin handia izan duzu zuk eman duzun lehen urrats horretan. Eskertzekoa da. Aurrena, elefantearen eztabaida piztu zenuen. Uste dut zure hasierako helburua gainditu egin zela, ekarpenak ez baitziren “elefantea”ri buruzkoak bakarrik izan, euskalduntze-prozesu osoaren gainekoak baizik. Ez dakit lan-munduaren euskalduntzea den elefante nagusia, baina, zalantzarik gabe, nagusietako bat bai. Bat nator zure iritziarekin. Batzuetan ez dugu ikusten noraino heltzen den lan-esparrua. Aisialdian ere, inguruan dugu, ia beti, lanean ari den norbait: pintxo-potean gabiltzanean, tabernariak; frontoian, pilotariak eta apostulariak; telebista ikusten ari garenean, aurkezleak; zinean, atezainak; Urbiako fondan, tabernariak... Euskarak aurrera egingo badu, nahitaez bereganatu behar du lan-eremua. Beste modu batean esanda, euskal hiztunok erdaldunen hizkuntz eskubide eta aukera berdinak izateko, ezinbestekoa da lan-mundua euskalduntzea. Bestalde, agerikoa da hezkuntza-sistemak euskalduntzen duena erdaldundu egiten duela lanak. JM Pastorrek azaldu zituen Berrian EHUko erdarazko graduko ikasleen artean eginiko inkesta baten emaitzak: D eta B ereduko ikasleek gradua erdaraz aukeratzeko lehen arrazoia da uste dutela lan-merkatuan erabilgarriagoa izango dela erdaraz ikastea. Ezinbestekoa, hortaz, lan-mundua euskalduntzea. Autoritate eta lidergoaren gaian ados nago Alex Vadillok idatzi duenarekin. Euskal Herrian dugun antolaketa oso konplexua da, eta erakunde bakar batek ezin du eraldaketa soziala gidatu. Kike Amonarrizek aipatutako “lidergo partekatua” edo “lidergo eraldatzailea” izan daiteke aukerarik eraginkorrena. Alexek dioen bezala, “aktibazioa bilatzen duen lidergoa; nork bere ardura hartzera animatzen duena; prozesuak abian jarri eta prozesuei eusten dien autoritatea, prozesu horien emaitza baldintzatu gabe”. Nire iritzian, Euskaltzaindiak betekizun garrantzitsua du lidergo partekatu horretan, eta beste eragile batzuek ere bai. Euskararen beharrezkotasunaz, berriz, guztiz ados: bigarren mailako hizkuntzak bigarren mailako herritar egiten gaitu, eta hori ez da ez bidezkoa ez onargarria. Beharrezkoa al da erdara gurean? Bai, legez. Bada, euskarak egoera berean egon behar luke bigarren hizkuntza ez izateko. Urrun gaude oraindik egoera horretatik. Diskurtsoaren mailan, uste dut arriskutsua izan daitekeela euskara batez ere beharra hitzarekin lotzea, batzuek bi era gaiztotan erabiltzen baitute lotura hori. Alde batetik, euskara inposatu nahi dela esateko; bestetik, esateko herritarrek ez dutela euskara erabili nahi, eta horregatik nahi dutela batzuek beharrezko izatea. Nire iritzian, diskurtso horiei aurre egiteko, komeni da beste lotura bat ere egitea: euskara, eskubidea, eta nahia. Hau da, biztanle guztion eskubidea da euskara erabiltzea, biztanleok horrela nahi dugulako; eta eskubide hori bermatzeko, biztanle guztiok dugu gure betebeharra. Gainerako eskubide guztiekin ere gauza bera gertatzen da. Motibazioari dagokionez, funtsezkoa da motibazio pragmatikoa, eta beharrak eragin handia dauka horretan. Aldi berean, komeni da beste motibazio-mota batzuk ere jagotea, eta euskara emozioekin, bihotzarekin, balioekin, eta gogoarekin ere lotzea. Beharrean bakarrik oinarritutako erabilera ez da naturala, eta hil daiteke beharra desagertu bezain laster, esaterako, ikasleek klasetik irten eta jolas-ordua heldu bezain laster. Beharrak bakarrik ez du euskararen erabilera bermatuko; borondate hutsak ere ez. Gogoa eta beharra, biak indartu behar dira euskara biziberritzeko, eta koktel hori zuk proposatutako “euskaraz egiteko ziurtasun-eremuetan” egon daiteke. Amaitzeko, eredugarria eta txalogarria da bultzatu duzun eztabaida irekia eta anitza. Aditu askoren iritziak batzen lagundu duzu eta ikusi da sintonia handia dagoela aditu askoren artean. Une egokia izan daiteke euskalgintzak hurrengo urratsak emateko, lidergo partekatu eta eraldatzailearen gidaritzapean. Besarkada bat eta eutsi! (KARMELO AIESTA ingeniaria eta euskaltzalea da) Kamelo Aiesta «Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia» liburuaren egilea da. Ikus, HEMEN Euskararen errota Aitor Esteban Etxebarria Pozgarria da ikustea hasitako eztabaidak badarraiela martxan eta geroz eta jende gehiagok hartzen duela parte. Deus baino lehen, zorionak Bilboko jardunaldiaren antolatzaile, berbalari eta entzuleoi; ni tamalez, lan kontuak tarteko ezin izan nintzen bertan izan. Hori horrela, Berriak plazaratutako kronika hartu dut abiapuntu eta modu artezean erantzun nahiko nioke artikuluaren amaieran airean lotzen den galderari: Nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako edota beharrerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean? Arotzaren kantan lez, ur handi eta astunak dira galdera horrek planteatzen dizkigunak, eta askoren artean erantzun beharko genukeelakoan, ni iritzi bat ematen ausartuko naiz eztabaida aberaste aldera. Kantaren istorioari tiraka, esango nuke itsaso zakar eta haize bortitz dabilzkigun honetan, errota baten premian gaudela indar horiek bideratu ditzagun. Errota orok bezala, gureak ardatz biko mekanismoak beharko luke: Bertikala: euskara beharrezko bihurtuko duena, Horizontala: euskara erakargarri bilakatu duena. Badakit aurretiaz jorratu ditugula alderdi biak, baina utzidazue segitzen. Bilbon nabarmen azaldu zen moduan, euskara beharrezkoa den neurrian egingo dugu aurrera. Lan esparruan ere, euskara halaxe bermatu da, lanlekuak eta enpresak non euskararen ezagutza eta erabilera derrigorrezkoak diren: horixe da ardatz bertikala: goitik beherako ezarpena. Ez gara horretan beraz hutsetik abiatzen. Baina horretan sakondu nahi bada noizbait heldu beharko gara euskaraz bakarrik bete daitezkeen funtzioetara. Gure harridurarako, lan esparruari gagozkiolarik hori aspaldi egiten da testuinguru eleaniztunetan murgiltzen diren korporazioetan; hau da, modu bertikalean arautzen da ahoz eta idatziz zein hizkuntzetan egingo den komunikazio bakoitza, eta azkenean horrek bermatzen ditu hizkuntza horien ezagutzarako exijentzia eta erabilera. Gure inguruan ostera, eta hezkuntza mundua alde batera utzita, euskararen erabilera ia bakarrik arautu da sektore publikoan, eta gehien bat hedapen handiko komunikazioetan (Administrazioaren kasuan) betiere herritarren hizkuntza eskubideak aintzako. Eta noski, euskara ofiziala ez den lurraldeetan hori ere ez. Era berean badira, sektore pribatuko enpresa ugari, borondatez, euskara planak ezarri dituztenak euren erakundeetan eta ari direnak komunikazioak euskaraz ere egiten. Baina harrigarria bada ere, lan eremuaren potentzialtasuna askozaz handiagoa da; erabat legezkoa baita eginkizun bakoitza ze hizkuntzatan jorratuko den arautzea: batean, bestean edota batean baino gehiagotan lan egiteko agintzea, alegia. Are gehiago, harritu beharko gintuzkeena egungo egoera da, non elebitasun orekatuaren kasu askotan hizkuntza baten edo bestearen aldeko hautua langileen esku geratzen den. Ohartuko zinetenez, bertikala deritzot ardatz honi aginpidea eskatzen duelako. Baina betikora bueltatzen gara: noraino heltzen da hizkuntza politikaren borondatea? Euskararen ezagutza eta erabilera arautuz gero, jakinik erdara biek ezagutza unibertsala dutela, zelan erreakzionatuko luke gizarteak? Ba, hain zuzen zalantza horiek garamatzate bigarren ardatzera. Bigarren ardatzari horizontala deritzot eta aurreko iritzi-txandan ere aipatu nuen zelanbait. Kontua da epe ertainean, behintzat, inguruko hizkuntzen estatus juridikoa ez dela aurreikusten aldatzerik; hori horrela, Euskal Herrian berba egiten diren erdarek jarraituko dute euren ezagutza unibertsala bermaturik izaten eta euskarak, ostera, borondatezkoa izaten segituko du. Arestiko paragrafoan genioen euskara erabiltzen dela beharrezkoa den eremu eta egoeretan, baina gutxitan erreparatzen diogu euskararen mirariari. Hau da, hainbeste kezka eta zalantza dugu ikustean gehien bat jendeak ez duela euskaraz hitz egiten, baina gutxitan galdetzen diogu geure buruari euskaraz bizitzea erabaki dutenek zergatik hartu duten bide hori. Oker ez banago antzeko zerbait planteatzen zuen Dabid Anautek aspaldi Leitza inguruko gazteen hizkuntza jokaerak aztertzean. Kontua da, beharrezkoa izan barik, baditugula euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak ia Euskal Herri osoan, eta ez dira hain gutxi euskarak presentzia ahula duen eskualde eta hirietan. Nire ustez ikertu beharko genituzke hautu horretara daramatzaten argudioak, hain zuzen, euskararen aldeko argumentu multzoa, ideologia, ikuskera eta abar ezagutzeko eta hizkuntza transmititzeko zentroetan txertatzeko, baita euskalgintzaren eragileen bidez gizarteratzeko ere. Izan ere, aurreko artikuluan aipatzen nuen Txepetxen eskemaren hiru puntuetan nik oker gehien motibazioan ikusten nituela, hots, hizkuntza transmititzeko baditugu plangintzaldi, epe eta profesional egokiak, baina nire ustez huts egiten dugu sistematikoki hizkuntzarekiko fideltasuna eta ardura transmititzean. Iritzia dut horren inguruko ideologia ezagutzeak, biltzeak eta egituratzeak lagundu dezakeela horren gizarteratzean azkenean, instituzioen esku ez ezik, herritarron esku ere badagoelako euskara beharrezko bihurtzea. Era berean, arlo instituzionalean mugitzen den euskalgintzak ere bere argudioak eguneratzeko beharrizana badu eta aspaldi ohartu ginen bestelako diskurtsoak behar ditugula jende berria erakartzeko euskararen erabilerara. Magma handi horri ardatz horizontala deitzen diot, beraz; eta gorago aipatzen duen ardatz bertikalaren osagarria delakoan nago. Orain, euskalgintza osoaren bateratasuna beharko genuke ardatz bietan urratsak ematen hasteko, kolore politikoa gorabehera, sektore publikoan zein pribatuan, hezkuntza sisteman zein helduak euskalduntzeko ikasgu sarean urratsak emateko. (AITOR ESTEBAN ETXEBARRIA hizkuntza normalizatzeko teknikaria da Eusko Jaurlaritzan) Zutabeek etxeari eutsi gabe teilaturik ez, edo lan-munduaren garrantziaz Roberto Manjon Lozoya Azken boladan honetan asko hitz egin da lan-munduak dukeen zeregin nagusiaz euskararen normalizazioan; biltzarretan ere horretaz mintzatu da, gaia sakondu nahirik. Ez dut nik esango gako bat ez denik, eta baliteke euskararen balizko normalizazioan ardatza izatea, beti ere, hasteko, ulertzen badugu euskara ez dela ezer, metafora bat ez besterik, hizkuntzaren trikimailu bat, zeren benetan direnak euskaldunak baitira, ez euskara. Zer eta nola antolatzen da gizakion mundua? hori da benetako gakoa Euskaldunei, hots, mundu errealari beldurrik gabe begiratuz gero, perspektiba aldatuko da. Nire ustez lanaren mundua, horixe da, esparru bat, ez eragile, eta halatan, bere balioa azalekoa da, handia bada ere, ez sakona. Benetako eragilea boterea da, energia edo harremanezko jaidura, bulka, oldar, joaira –ez zait erraza zer den hitz gutxitan definitzen−, zerbait anizkuna, hedatua bai baina gune batzuetan kontzentratuagoa (1): gizateriaren indar antolatzailea eta egituratzailea. Baldin eta behar den botere-maila behar den guneetan ez baduzu, ez duzu aurrera egingo, ezin ezer normalizatu, zer ere egiten baituzu, ekimenik iaio, bipil eta doituenak izanik ere. Boterea aurpegi anitzeko poliedro bat izanik, nolabait, normalizazio berba botere berbaren ideiari tinko lotzen zaio: botereak egiten du munduan normala den oro normal. Eta, jakina, ez nabil Jaurlaritza, foru-aldundi, estatuko gobernu eta udal-batzari buruz, horiek guztiak ideiaren baitan sartzen baditut ere, ezpada botere-gune guztiei buruz, asko erabakigarriagoak instituzioak baino. Jakina, lan-munduan bada botere-gunerik asko, baina sare anitzetan gizartea antolatzen dute beste gune askorekin harremanetan, eta eten gabe elkarri eragiten. Sare eta gune horien arteko antolakuntzazko harremanak hierarkikoak dira, indar eragilea ez dute neurri berean. Ez ote dira finantza-munduko sareak boteretsuagoak eta eragingarriagoak lan-mundukoak baino? Gainera, bigarren maila batean, baina ez hutsaren hurrengo, ez dira gutxietsi behar pentsamenduari sotilki baina irmoki eragiten dioten, kontsumo-sareak, banaketa-sareak, sare kultur sortzaileak eta banaketakoak, hala nola unibertsitateak, argitaletxeak, hedabide mota guztiak. Normalizazioaren konponbide mirarizkoetan barna Izan ere, kontuan harturik ezen euskaldunak mendeetan zehar arian-arian sare horietatik erauziak eta jaurtiak izan garela gaurko eremu malkar honetara, non ia erabat kanporatua baikaude, euskaldunak biziberritzeko miraria izango bada, nolabaiteko inflexio-une bat jazo behar litzateke mundu mentalean, halakoa non euskaldunak berriro gizarte-sare eta botere-guneen inguruan elkarrengana biltzera joko baikenuke. Miraria diot, horixe baita behar duguna, edo mirarik izan ezik, munduaren antolakuntza erabat eralduko lukeen katastrofe-kate bat –barbaroek erromar inperioa eraitsi zuten gisan, hots, duela bi mila urte euskaldunak salbatu zituen katastrofea−. Jakina, ez dugu katastroferik nahi, gure munduan ausiabartzarik. Hala ere, nago azken hamarkadotan katastrofe baten zantzuak ageri direla zeru-ertzean, inoiz jazoko balira, ez dut uste bizirik helduko ginatekeenik haien osteko mundu berritura, eta noski, ailegatzekotan ere, nork daki gaurko munduaren hondamendiak nola eragingo ligukeen. Ez dirudi katastrofeei itxarotea oso hautu zentzuzkoa denik. Nolanahi ere den, naturalista naizenez, ez idealista, ez dut mirarietan sinisten, eta, zoritxarrez, urri nabil itxaropenez. Zernahi gisaz, hondamendiei ezin agindu diegula, dautsogun, eutsi, itxaropenaren errainuari, hots, mirariari. Halatan, demagun munduari begiratzeko eta ulertzeko moduan, gure pentsamenduan, ehun eta laurogei graduko bira bat egiteko gai garela, hori gabe ezinezkoa bailitzateke aspaldian galduriko botere-guneak berreskuratzen hastea. Zertan datza bira hori? Euskaldunen kontzientzia nazionala sortzeko ahaleginean. Lehenengo miraria: kontzientzia nazioala sortzen hastea Euskaldunok, nazio gisa jokatu ezik, ez dugu benetan aurrera egingo, aurrean dugun atazak talde-kontzientzia handia eskatzen duenez. Gaur egun kontzientzia nazionala ezinbesteko eskakizuna da esfortzuak euskaldunen etorkizuna bermatzera egokiro eta artoski bideratzeko. Ez gara nazioa, are gehiago, harrapaturik gaude erdal nazionalismoaren aramuan, Espainia zale nahiz euskotarra izan. Nonbait esana dut, eta oso mingarri egin zaie batzuei, ezen euskalgintzan badela dinamika zoro bat, pisu handikoa, non bizkarrezurra gobernuen aurrean aldarrikapenik aldarrikapen ibiltzea den, eta era berean esan dut jokabide hori, asmo onekoa bada ere, ez dela euskotar nazionalismoaren joputza besterik. Bitartean, euskal gizartegintzan pauso ganorazkorik ez (2). Euskotar nazionalismoak eta haren sostengu intelektualek, zintzoki modernoa, hots, demokrata, berdintzaile, feminista, ekologista, internazionalista, solidario, bakezale… izan nahi dutenez gero, alegia, borroka politikoan interesatzen zaien diskurtsoa sustatzen baitute, muga ideologiko estuak ezartzen dizkiete euskaldunen aldeko ekimen instituzionalari nahiz herritarrari, muga politikoez gainera, eta zaildu egiten dute euskaldunen nazio-kontzientzia kimatzea. Zentzu batean nazioa bagara oraindik, antzinako erregimenean ulertzen zen gisan: jatorri komun bat duen jendea, halakotzat ulerturik hizkuntza-kultura partekatua izatea. Baina ez gara nazio zentzu modernoan, hots boterea eskuan duen edo eskuratu nahi duen lurralde bateko gisa-talde bat. “nahi” hitza da gakoa, hots, kontzientzia politikoa, botereaz jabe izateko nahia. Euskaldunok ez dugu kontzientzia politiko beregainik, eta talde nazionalista ezberdinek gaituzte mendean eta zerbitzari. Mendekotasun horri jaregin behar diogu nahitaez botereagatik lehiatu nahi badugu. Kontzientzia nazionalaren eragile historiko nagusietatik bat, ezinbestekoa, gerla izan da (3), talka belikoak. Euskal Herrian kontzientzia nazionala, epika nazionala, heroiak, gu versus besteak, eratu dituzten gerlek, batez ere espainiar eta frantses kontzientzia nazionalak mamitzeko balio izan dute. Ordea, XIX-XX. mendeetan Espainian izan diren borrokek hein apalago batean, Euskadiren nazionalismoa, alegia, euskotarrena ernaldu, hazi eta elikatu dute: “Euskadi es la patria de los vascos”. Gogoratu bestela ezker abertzalearen epika bainoi lehen zein izan diren bertoko nazionalismoaren oinarri epikoak: godo, franko eta islamiarren aurkako erresistentzia, XIX.mendeko kondaira erromantiko belizistak, ororen buru Sabino Aranak hainbeste maite zuen Jaun Zuriaren eta Arrigorriako gudaren kondaira, gerla karlisten inguruko narrazioak … Gerletan garaile ateratzea izaten da onena nazioa eraikitzeko, baiki, ez beti ordea, zeren galtzea ez baita nahitaez galgarria izaten kontzientzia nazionala sortzeko, eta sarritan, aitzitik, eraikitzaile izaten da, eta gainera, gogoratu dezagun Joxe Azurmendik esandakoa: historiaren perspektiban nekez atzeman daiteke, luzera begira, galtzaile edo garaile nor den, sarritan, bata bestea bihurtzen baita. Euskal Herrian igaro den azken gerlatxoa ere, alde bakar bateko sueten mugagabean arestian amaitu den horiez da, berez, euskaldunen gerla izan, betiko modura nahasturik ibili garen arren —nola ez? Hizkuntzazko erkidegoa ez da erkidego bakarra, eta haren mugak zehar-lerrokoak dira beste erkidego batzuekin, kasu, erkidego politiko eta ideologikoekin—. Kontua da, galdutako azken gerlak, frankismoaren ostekoak, euskotarren kontzientzia nazionalari biziki eragin badio ere, ez du ekarpen handirik egin euskaldunen kontzientzia nazionalaren eraikuntzaz den bezainbatean. Kontzientzia nazionalaren sorreran eta euskarrietan badago balio eta printzipio funtzional bat: norberaren aldeko desberdintasuna, desderdintasun garailea bestela esanda, hots besteen berdinak ez izatea ez ezik, besteak baino hobeak izatea. Agian norbaitek higuin du hori, baina gustuak alde batera utzita, mundu lehiakor honetan (mundu bakarra), desberdintasunak abantaila eman behar dizu, irudizkoa bada ere, eta ez oztopatu, bestela, desberdintasunari muzin egin eta abantaila ematen dizun identitateari atxikitzen gatzaizkio: egunero eta nonahi dakusagu hori. Herri guztiak berdinak garela dioen leloa, argiro faltsua izateaz gainera, aldarrikapen etiko bezala ez da baliagarria herri ahulari eusten laguntzeko, hasieran kontrakoa badirudi ere, eta azken finean, aldarrikapen etikoak ez dira irudimenezkoak besterik (Tractatus, Wittgenstein): gure interesen alde funtzionatzen badute ondo. Alderantziz, talde lehiatzaileen aldean nolabait nagusi izatearen kontzientzia hori beti garrantzitsua bada, funtsezkoa izan da minorien biziraupenean —minoriek bere indar eta kemenez dirautenean—, adibidez, motzaileen kasuan: ijitoek argi daukate, hala edo hola, gehiago direla besteak baino. Euskaldunok, berriz, maldan behera goaz gure euskarri mitikoetan ere, narrazio historiko positibista sasi-zientifikoaren eta globalizazioaren garaian, gero eta gutxiago sinisten baitugu auzokoak baina txairoagoak garela. Hain zuzen ere, mundu global-teknologiko honetan, jada ez gara gai mito zaharrei iraunarazteko ez eta berriez ordezkatzeko: gero eta gutxiago uste dugu Europako herririk zaharrena garenik, herririk sotilena, xaloena, aitonen semeak, aratzenak… Gure auzokide, espainiar, frantses, anglo-saxoi, germaniar ete enparauek zalantza gutxi dute bere gailentasunaren gainean. Laburbilduz Guretzako moduko gerlarik ez dugu izan, eta ez dirudi hodeiertzean dukegunik, are hitsago, ez dirudi gerlarik nahi dugunik, galduko dugun beldurrez eta erosotasunaren amoreagatik, baina, aldiz, ederretsiko genuke patuak Zeruko mana bezala etorkizun amoltsu bat balekarkigu, hots, boterea, beti ere borrokan atseginik hartu gabe. Ondarroan esaten denez, koruan eta aldarean aldi berean egon nahi dugu, modernoak izan, ederto kontsumitu, patrika bete diruz, zintzo izan, normalak eta euskaldunak, orain eta luzaroan, baina badakigu gero eta erdaldunago garela, gero eta zailagoa zaigula euskaldun izan eta irautea. Ulertzeko modukoa da hori, ez dago ezer kritikatzeko, denok gezurtxo batzuk behar ditugu kalitate minimo batez bizitzeko, baina analisi serioak egiterakoan, argi izan behar genuke dena ezin dela eduki: garena gara. Tautologiak ez du informaziorik ematen, baina kontraesana non dagoen erakusten digu: ni beste bat naiz. Eta, hala, mirariaren itxaropena geratzen zaigu: nazioa sortzeko nahia, jarrera noraezekoa botere-guneez jabetzeko. Horixe da, nik uste, lehentasunik behinena; euskal inteligentziak hausnarketa horri ekin behar lioke (agian egina da, eta etsipenez utzia), argitzen joan gaitezen nazioa sortzeko abiaburuak, baldintzak, lanabesak, lehentasunak eta prozesuak zein izan daitezkeen. Eta argi dakusat ez dagoela zertan ibilbide hori eta beste batzuk denborazko katebegiak izatea, hots , bata amaitu ondoren bestea hastea, alegia, hein batean aldi berekoak izan daitezkeela. Baina ezin dira lehentasun berekoak izan, bestela, nork egingo ditu urratsak lan-mundua, finantzarioa … euskalduntzeko? Subjektu kolektibo bat behar dugu, kontzientzia duena, euskal nazioa. Ez gaitezen eldarnioen saski-naski eta berbaroan alferrik ahitu. Horiek guztiak horrela esanda, baliteke lan-mundua eta finantza-, teorian bederen, biziberritzearen giltzarri izatea, nihil obstat, baina naziogintza delarik euskal gizartegintzaren sostengu ideologikoa. Halaber, zeren euskaldunak baitira errealak eta ez euskara, euskal gizartegintza da gizartean bultzatu behar den prozesua, orain arteko euskalgintza gainditurik. Ez dakit naziogintza nola egin behar den –talde-lana da hori guztia argituz joatea−, eta ni baino gehiago dakiten aditu asko daude gizartegintzaren oinarriak xehatzeko, baina tamalez ez dugu premia horiek ikusten, eta ez gara abiatzen. Dakusdana da euskalgintzaren ekintza eta jarduera askok ez garamatzatela bidegurutze horretara, energia handia alferrik xahutzen dela erakundeen aurreko etengabeko protesta eta aldarrikapenetan, nolabait, euskaldunen etorkizunari begira onurarik gabe, atzeko atetik eta ustekabean joko politikoan sartzen garela. Noski, Administrazioak badu zereginik, bere baitatik hasita, baina oso dudazkoa iruditzen zait lehentasuneko eremuetatik bat ote den, lantoki gisa hartu ezik eta inguru euskaldunak salbu. Jakina, Administrazioetako planak asko aldatu behar dira, nire eskarmentuz nekez funtzionatu eta berdintzen baitute haiengatik egiten den ahalegina; aldatu, eraberritu, zuzendu, egokitu…, bai, baina ez arrapaladan tentuz eta artoski baizik, eta ez agian eskakizun eta helburu gogorrago eta zorrotzagoekin, baizik eta arrazionalagoak izan daitezen, eta zorrotzagoak euskaldunek zorroztasun handiagoa behar duten bailaretan: gutxitan, ez gaitezen tronpatu eta kartetan bakar-jokoan geure buruari trikimailuak egin. (ROBERTO MANJON LOZOYA Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuko Euskara arduraduna da) Hizkuntza-normalizazioa zer den Asko hitz egiten dugu hizkuntzaren normalizazioaren gainean, hizkuntza-politikak, diseinatzen ditugun planak hizpide. Eta gehienetan zapuztuta ateratzen gara, espero genuen hartatik urrun geratzen baitira emaitzak. Euskara-planak bazterretatik egiten ditugu eta bazterretarako, inoren agindutara. Agintariak diosku egizu txoko (honetan) euskara normalizatzeko plana; ez da gehiago ukitu behar, ez inon ez inoiz. Agian bera ere miopea baita: eta ez daude, urriko gau hotz batean, neguko jauregiaren aurrean. Hizkuntza-normalizazioaren gainean oso kontzeptu murritza darabilgu. Planak txoko batzuetarako egiten dira, muga jakinen gainean. Haratago ezin joan, zoramena eta debekua. Agintariak ez dira boltxebikeak, baina agian asmo onez jokatzen dute planak horma artean itxita nahi dituztenean. Programa betetzen dute, euskararen alde zerbait egitea, ameskeriak alde batera utzita. Zer da hesitik landa ukitu behar ez dena? Ikuspegi orokor eta zabalago batetik, hizkuntza-iraultza da normalizazioa, eta izari horretan datza gure ezintasuna eta agintarien beldurra. Euskararen erabilera normalizatzeak aldaketa sakona eskatzen du ohituretan, bizimoduan, harremanetan, balioetan. Aldaketa soziala, eta aldi berean, kulturala, politikoa eta ekonomikoa. Aldaketa konplexua, beraz. Aldaketa gertatu, gertatzen ari da noski, globalizazioa deritzo, historian jazo diren antzeko eraldakuntzen ildo beretik, ez euskaldunen alde. Hizkuntza-iraultza linboan hezurmamitzea nahi dute agintariek eta, oro har, erdaldunek, ez dadin iraultza izan. Are gehiago, gehienok ere horixe nahi dugula dirudi: bakoitzak bere bizitza bizi dezala. Ikuspegi horrek harrapatuta gaude euskaldunak. Hiztun-herri euskalduna herri ororen baldintzen mendean bizi da, antolakuntza ekonomiko, politiko eta sozialen esanetara, eta horiei hertsiki loturiko sistema eta sare teknologikoek, azpiegiturek eta lurralde-antolamenduak azpiratuta. Horregatik, hizkuntza-desplazamenduak, ordezkapenak, berreskurapenak —biziberritzea diogu goxo-goxo— arlo horietako higidurekin batera gertatzen dira. Itauna, beraz, hau da: zer mugitu behar da politikan, ekonomian, gizartean, kulturan, euskarak bizirik iraun dezan eta normalizatu dadin? Hizkuntza-normalizazioari ez ote diogu gehiegi eskatzen eta gutxiegi eskaintzen? Izan ere, Joxe Manuel Odriozolak (1998: 21-32) azpimarratzen duenez, hizkuntzen arteko interakzioan gizarte osoa da partaide, erabilera bera gizartearen osotasun-agerpena da eta. Gizarteak erabakitzen du egoera diglosiko batean zein diren hizkuntza-erabilera legitimoak, gizartea eratzen duten hegemonien eta harreman hierarkikoen arabera. Halatan, lotura zuzena dago hizkuntza-erabileraren eta gizartea egituratzen duten botereen artean. Badakigu, jakin, hizkuntza-erkidego desberdinetako hiztunen arteko harreman diglosikoak menderatze-harremanak direla, eta beste menderakuntza batzuen bidelagun, eta, hala ere, boterearen gaia normalizaziotik kanpo uzten dugu beti. Normaltasuna eta boterea Zer harreman dago normalizazioaren eta gizartearen botere-egituraren artean? Zer dago normalizazioaren hezurduran? Galdera, berez, zabalagoa da, sorburura jotzen badugu behintzat. Esangura estatistikotik landa, zer da normala? Gizarteko botere-sistema hegemonikoek halakotzat daukatena, kontrolatzen dutena, eta anormala, arau horretatik kanpo dagoena, ondo egokitzen ez zaiona. Normaltasuna botereak sortzen du, boterea da, berez, normalizatzailea. Botereak egiten gaitu. Itaunak, beraz, argitu beharreko arazo baten aurrean jartzen gaitu. Zer da boterea? Alboratu behar genuke boterearen gaineko ikuspegi sinplista, haren alderdi errepresiboa bakarrik ikustera garamatzana. Boterearen izaera errepresiboa ez da ohikoena. Boterea —botereak— indar eraikitzailea da. Zapaldu ez ezik, ekoiztu ere egiten du, antolakuntza, gozamena, ezagutza, diskurtsoak. Boterea, berez, gizarte osoa zeharkatzen duen indar ekoizle bat da, beraz (Morey, 1986: 243-244). Ez dago toki jakin batera mugatuta, une oro espazio guztietan baitago. Ostera, ez da dentsitate berean azaltzen: gune edo nodulu batzuetan gehiago kontzentratzen da. Gune edo noduluen arteko harremanek, gizarte-sareak ehunduz, gizartea antolatzen dute, mundu fisikoan masa handiek grabitatearen indarraz txikiagoak erakartzen dituzten bezalatsu, nahiz eta kargadun atomoekin gertatzen den legez, aldarapen-ondorioak ere ohikoak izan. Mundu fisikoaren metaforarekin jarraituz, esan dezadan botere-sareek orografia eta geografia ere badituztela. Sareen egituraketa, horizontala ez ezik, bertikala ere bada, estratifikatua. Paisaiek osagaiak (zuhaitzak, ibaiak, landak...) proportzio desberdinetan dituzten bezala, hala botere-mota ere (ekonomikoa, espirituala, kulturala, politikoa, linguistikoa...) proportzio desberdinetan agertzen dira sareko gune edo erretikula desberdinetan. Normalean, guneek zenbat eta botere-dentsitate handiagoa eduki, orduan eta proportzio handiagoan izaten dituzte botere-mota gehienak, edo erabakigarrienak behintzat. Izan ere, izari ekonomiko markatuagoa duten sareetako erretikulek botere-dentsitate handiagoa ere bai, eta, orobat, guneek, sarean zenbat eta maila goragoko batean egon, orduan eta botere-dentsitate handiagoa dute. Boterea ez da pertsonala, ez dagokio subjektu bati, zerbait organikoa denez. Horrela, gizarte-sistema eratzen duten sareetatik bakoitzean, boterearen indarra gune jakin bakoitzaren posizioak determinatzen du; boterearen izaera, berriz, sarearen nolakotasunak ematen du. Horregatik, oso ohikoa da gobernu bateko lehendakariak, politika errepresibo gogorrak ezarri arren, inolako gaitasunik ez izatea munduko finantza-botereen aurrean; edo ospitale bateko gerente arraro batek, zintzoki eta gogotik euskaldunen alde egin nahi badu ere, benetan gutxi egin ahal izatea. Kontua da euskal hiztun-herria, nolabaiteko erkidegoa denez, erretikula ahulenetan egituratuta dagoela, bai dentsitatearen aldetik bai botere-moten aldetik. Euskal hiztun-herria, herri gutxiagotu guztien antzera, botereaz desjabetutako herri bat da. Logosa: hitzaren boterea Zein da boterearen izaera funtzionala? Botereak gizartea, gizakiak, erregulatzen ditu, gizartea, herria... sortzen du. Izan ere, boterea ahalmen bat da, zerbaitek beste zerbaiten gainean aldaketa eragiteko gaitasuna, zerbait egitekoa. Giza harremanak boterez blai daude, hegemonien eta hierarkien bidez antolaturik. Bestalde, boterearen tresnak, armada eta polizia ez ezik, askotarikoak dira, egoera edo baldintzen arabera, batzuk besteak baino egokiagoak. Une honetan bat interesatzen zaigu oroz gain: logosa, hitza, edo nahi izanez gero, hitz-pentsamendua. Aspaldikoa da boterearen baliabide horren gaineko gogoeta. Antzinateko filosofo sofistek (K.a. V. eta VI. mendea) argi ikusi zuten hitza boterea dela: Eta, Tisias eta Gorgias lotan utziko al ditugu, egiazkoak baino gehiago egiantzekoak balioetsi behar direla ikusi zutenak, eta hitzen indarraz gauza txikiak handi eta handiak txiki agerrarazten dituztenak, berriak modu zaharrean eta aurkakoak modu berrian, eta edozeri buruz hitzaldi laburrak eta luzera mugagabeak asmatu zituztenak? (Platon, Fedro, 455). Gure garaian ere asko idatzi da horri buruz. Francis Bacon dugu aro modernoaren hasierako paradigma (Sabine, 1995: 336), oso argi ikusi baitzuen ezagutza boterea dela eta gizakiok geure buruari ezarri diogun egitaraua ezagutzaren bidez mundua —beste gizakiak barne— menderatzea dela. Horkheimerrek eta Adornok (2009: 12-13) azaldu zutenez, Logosa mundua menderatzeko giza tresna da sorreratik bertatik, alegia, Homeroren mundu mitikotik hasita. Botereak gizakiok ere objektu bihurtzen gaitu: Ezagutzak, boterea denez, ez du mugarik, ezta izakiak esklabo bihurtzen edo munduko jaunei atsegin egiten ere. [...] Gizakiok naturatik ikasi nahi duguna, bera baliatuz, natura bera guztiz menderatzeko modua da, ez natura bakarrik, baita gizakiak ere. [...] Boterea eta ezagutza sinonimoak dira. Ezagutza hutsak ematen duen zoriontasuna antzua da eta lizuna da bai Baconentzat bai Luterorentzat. Gizakiek egia deritzotenak ez du ardura, eragiketak baizik, prozesura eraginkorrak (Horkheimer, Adorno, 2009: 60-61). Homerogandik gaur arte, Logosaren garapena eta Ilustrazioaren bidea bat izan dira, eta gizakia menderatzeko eta ustiatzeko modu asko eta sofistikatuak eman ditu. Menderatzeko joera hori dela-eta, biziki interesatzen zaigu Logosaren beste ezaugarri bat: sistema koherenteak maite ditu, eta munduko desberdintasun oro gorrotatu. Burgesia nagusitutakoan finkatu den sistemak, Kapitalismoak, Ilustrazioaren umea izanik, argiro erakutsi du joera hori. Nekez onartzen den baino urrunago joan da desberdintasun oro ezabatu nahian, teorian hainbeste maite duen gizabanakoa ere ez deus bihurtu duenez. Horregatik, Liberalismoaren muin ideologikoan omen dauden askatasun indibidualak, giza banakoaren errespetua..., lasto fitsa baizik ez dira: Merkatuak trukean dabilen subjektuari bere jatorriaz ez galdetzeko mesedea egiten dio. Mesede hori, berriz, bere jatorritik dituen nolakotasunez ordaindu du subjektuak, nolakotasunok merkatuko salgaien ekoizpenaren mendean jarriz hain zuzen. Gizakiei zu zeu bat eman zaie, beraiena bakarrik, besteena ez bezalakoa, baina besteen berdina bihurtuko dela hobeto ziurtatzeko. Alabaina, zu zeu hori inoiz ez denez guztiz asimilatua izan, Ilustrazioak hertsapena atsegin izan du beti, baita liberal izan den aldian ere. Manipulatuta dagoen kolektiboaren batasunak banako singular bakoitzaren ukapena eskatzen du (Horkheimer, Adorno, 2009: 68). Kapitalismoak euskalduntasuna gizabanako baten ezaugarri gisa ere ez du babestuko, ezta hizkuntza-eskubide indibidual den heinean ere. Michel Foucault frantses filosofoak ere hitz egin digu boterearen alderdi horri buruz (Morey, 1986: 64-66). Botereak eta ezagutzak bat egiten dute; lotura estua dago haien artean. Ezagutzak xede bat du, zerbaiten jabe egitea, menderatzea, kontrola. Egia bera botereak sortua da, boterearen diskurtsoaz eratua, bere ezagutzaren emaitza. Botereak diskurtsoak sortzen baititu (ezagutza) eta, alderantziz, beste diskurtsoen ekoizpena oztopatu edo galarazten du (kontrola), adibidez, euskaldunen hitza. Baina zein da ifrentzua? Botere-sarearen dentsitate handiko guneetatik baztertuta dauden hiztun-herriek, klaseek, herritarrek..., hitz batean, ahulek, hitz murritza dute, diskurtso eskasa, etenez betea, ezagutza txikia, kontzeptualizazio- eta abstrakzio-maila baxua, informazio gutxi, pentsamendu laburra. Katearen azken muturrean mututasuna dago, irudi baterako, aparteko txoko batean isolaturik geratu den erdi galdutako etnia bateko artzainaren antzera, erantzun bortitza hizkera posible bakarra duen hura. Aitzitik, botere-gunetan kokatuta dauden politikariek, ideologoek, intelektualek, kudeatzaileek diskurtso sendoa dute, aberatsa, oparoa, hobeto artikulatua, koherenteagoa... Zergatik? Gizarte-sare osoaren lanketa intelektualetik edaten dutelako, eta horrela, informazio gehiago izateaz gainera, diskurtso ondo egituratu, konplexu eta mamitsu baten euskarria dagoelako euren jardunaren azpian. Gizarte-jarduera orok errutinak behar ditu, besterik gabe onartzen diren aurreiritziak, topikoak, balioespenak, jokabideak. Hori guztia dute beren alde intelektual, teknikari, politikari, kazetari eta ideologia ofizialek; hori guztia dute kontra alternatiboek. Horrela, horiek, sarritan, kondenaturik geratzen dira sistemaren ogi-apurretatik jatera (kristau-balioak, giza-eskubideak, berdintasuna, demokrazia, aurrerapena, ongizatea, razionalismoa...), apaingarrietatik diskurtsoa eraiki eta sistemaren kontraesanak agerian uztearren, baina beti ere, gutxi-asko, diskurtsoan bertan harrapaturik, botere-gune indartsuen logosaren mendean. Euskaldunak, gero eta ahalmen txikiagoa duen nazioa mundua, sortzeko, eratzeko, antolatzeko, besteei eragiteko, baldintzatzeko, haietaz elikatzeko; gero eta diskurtso murritzagoa duen hiztun-herria, gero eta mutuagoa. Eta mutuaren bortizkeria ez da zilegi, horrek ere normaltasun jakin bat eskatzen duelako, diskurtsoa, boterea. Mundu anormala eta urria euskaldunena. Gogora ekar dezagun positibista logikoek emandako ikasgaia, hizkuntza eta mundua lotzen dituena (Wittgenstein, 1990: 123-124): 5.6. Ene hizkuntzaren mugek nere munduaren mugak adierazten dituzte. 5.621. Mundua eta bizitza bat dira. 5.63. Neure mundua naiz ni (Mikrokosmoa.) Hizkuntzak mundua sortzen du, berbalizatuz. Hitza ez duenari mundua murrizten zaio, txikiagotu, mundu soziala behinik behin. Normalizazioa, boterea berreskuratzea Eta horixe da, hain zuzen, hitza galdutako hiztun-herriei gertatzen zaiguna, hizkuntzaren arloan bezala, baita ideien arloan ere. Hizkuntzaren soziologiatik maiz deskribatu denez, ordezkatze-prozesuan dagoen hiztun-herriak gero eta hizkuntza txiroagoa du (errepertorioa), ahalmen edo gaitasun eskasagoa, hala lexikoaren aldetik nola egituren aldetik ere, jakina, gizarteko funtzioak galtzearen ondorioz. Esan gabe doa, funtzio-ordezkatze horrekin batera hiztun eta lurraldearen galera ere gertatzen direla, bai eta sakabanaketa demografikoa ere, indar zentrifugoek arian-arian zentripetoak gainditzen dituztelako, ez baitago hiztun-herriaren batasunari eusteko moduko botere nahikorik, botere-dentsitate sozio-politiko, sozio-ekonomiko eta kulturalik. Horrela, gero eta hiztun gehiagok isolaturik eta mutu ikusiko du bere burua, gero eta lurralde eta gizarte-eremu gehiagotan, sarritan hizkuntza bereko beste hiztun mutu batzuk ondoan dituela. Horixe geratzen zaigu Administrazioan, Osakidetzan, azalera handiko dendetan, unibertsitatean, tabernetan, lagunartean; horregatik ez dugu esparru horietan euskararen erabilera normalizatzeko bidean pauso argirik ez nahikorik ematen, asmo handiko nahiz txikiko planez, agintarien laguntzaz nahiz gabe. Normalizazioa duela hogeita bost urte uste genuen baino xede latzagoa da, bistan denez. Nekez egiten dugu aurrera, legeek eta dekretuek ezarri eta aitortutako guztiagatik ere. Ezagutzaren datuak ez dira behar bezain magikoak. Bildu dugun eskarmentuarekin, ondo dakigu euskaldunen hizkuntza-eskubideak ez direla errealak, gehienetan, asmo onen adierazpenak baizik, eta Administrazioko hizkuntza-eskakizunen sistemak ez du kontrakoa erakusten. Thomas Hobbes-ek, XVII. mendeko ingeles filosofo ospetsuak, azpimarratu zuen eskubide politikoak botere subiranotik zetozela. Ziur aski, gehiegizkoa izan zen baieztapen hura, baina hein egoki batean, ez zaio arrazoirik falta: aginterik gabe eskubiderik ez. Eta agintariek azken bolada honetan aldarrikatzen duten hizkuntza-askatasuna, euskara askatasunez alegia, ahaltsuen eskubideak bermatzera zuzenduta dago eta: erdal espainiar nazioarenak. Falta zaizkigun botere-guneak eta motak, gure sareari dentsitatea emango lioketenenak, ez dira Txepetxen gune sinbolikoaren bat bera (Sánchez Carrión, 1981: 27-37), gune sinbolikoa bere baitan biltzen duten arren. Gune sinbolikoa, berriz, haien efektua da, kultura-hizkuntzazko izari edo eremuan. Hizkuntzaren normalizazioak hiztun-herriaren normalizazioa ezinbestekoa du, funtsezko izari guztietan: sozio-politikoan, sozio-ekonomikoan eta kulturalean. Euskaldunok boterearen izari horiek berreskuratu ezik, ez dugu lortuko bat etortzea boterezko dentsitate nahikoa duten sare-erretikulekin. Hizkuntzazko boterea, hortaz, hiztun-herriak bere mundua eratzeko eta gauzatzeko duen ahalmena da, beste ahalmen batzuekin elkarreraginean: Neure mundua naiz ni; nire mundua nire bizitza da; nire hizkuntzaren mugak nire munduaren mugak dira. Zer da normalizazioa azken finean? Hiztun-herriak boterea berreskuratzea, hizkuntzazkoa noski, baina, aldi berean, beste batzuk ere bai, bestela hitza ezin baita sortu. Beraz, normalizazioa, zentzu zabalean, alde anitzekoa eta konplexua da, botere-banaketa eta antolamenduari egindako erronka bat, edo bestela, folklorea, itxura, propaganda. Funtsean, ez da borondate onak konpondu beharreko zerbait, ez giza-eskubideekin edo berdintasunarekin lotutakoa, ez eta demokrazia, justizia, aurrerapen, ongizatearekin ere, nahiz eta gai horien eztabaidari ezin itzuri egin. Normalizazioak, moda postmodernoaren aurka, boterearen arazoari adorez heltzea eskatzen du, gai hori saihestea orokortzen ari den garai batean. Botere erdalduna nonahi zalantzatan jarri gabe, baita euskal gizartearen barruan ere, ezinezkoa izango da aurrera egitea. Eztabaida politikoa ere bada, noski. Horiek horrela, modaren kontra, euskal hiztun-herriak euskal nazio bilakatu eta izaera horrekin jokatu beharko du, gutxiengo gisa, anitza, aldakorra eta gero eta abstraktuagoa den mundu batean. Euskal herria ez da oraindik behar beste identifikatu euskal nazioarekin, ez du behar beste kontzientzia politikorik. Nazioaren proiektua ez da gero eta hegemonikoagoak diren ideologia ahulen egitasmoen eremukoa. JAKIN, “Administrazioko euskara planez haratago. Begirada berri bat Osakidetzako Planaren ebaluaziotik” Honetaz jardun nuen artikulu honetan: Euskalgintzatik euskal gizartegintzara Medikuntzako euskal ikasleek ia urtero adierazpen bat egin dute, zenbait aldarrikapenen ondotik. Begi onez dakusat ikasle euskaldunak aktiboak izatea, eta ez bakarrik euskaragatik: ikasle aktiboengandik profesional aktiboak datoz, eta halatan, normalean, profesional onak. Bozkarioz diot profesional euskaldunak onak izaten direla, batez ere lanbidean nahiz euskalgintzan aktiboak direnean, eta komunzki, biak elkarrekin etortzen dira. Baina arranguraz ere dakusat urteroko gertakari hori. Argitu dezadan. Medikuntzako ikasleok ohiko aldarrikapenez haratago, badute fakultatetik irten eta elkarren arteko loturari eusteko asmorik? Medikuntzan erkidego bezala jarraitzeko edo nolabaiteko erkidego medikorik sortzeko xederik? Eta klinika euskaldunik edo euskal medikuen elkarterik? Unamuno beti baitago sapan gure artean, darabildan orain berak jaurti zigun metafora euskal herria historiatik bazihoala adierazteko: ibaiak itsasora nola, hala medikuntzako euskal ikasleak ere, goi-mailako euskal ikasketadun gehien-gehienen antzera, isuriko ote dira erdal munduaren itsaso zabalera eta bertan aienatuko? Horixe jazo da orain arte; goititu ezin dugun patua ote? Nora ote goaz betiko arazoei betiko erantzun antzuak emanez? Nahikoa izaten dugu aldarrikapenik aldarrikapen ibiltzearekin, norbaiten kontra, gobernua dela, administrazioa dela, ez dakit zein alderdi dela, zein marka komertzial dela. Alabaina, oso gutxitan elkartzen gara bilgune nahiz sareak eraikitzearren, egitasmo komunak sortu, euskal mundua bilbatze aldera, hala nola euskal gune profesionalak, elkarren artean estekatu, amarauna ehundu… Arazoa ez da, bere baitan, hizkuntzazkoa —hizkuntza, berez, ez da ezer—, hiztun-herriarena baizik, hots, sozio-kulturala, sozio-ekonomikoa, soziopolitikoa, baina, gure osin beltzetik erantzun idealistak baizik ez dugu ikusten, hezkuntzazkoak, ideologikoak. Euskal gizarte mota bat ia joan da, industria-iraultzaren aurrekoa, eta haren kultura ere hurrean dugu hiltamuzko arnasa estuetatik. Euskal gizartea bortxaz ebatsi digute, ordea, ez gakizkio, ekin, haren hausterretatik berriro hezur-mamitzeko lanari. Ia guriak egin du, badegu zeinek agindu izan zen Xenpelarren auhena, artean euskal gizarteak zutik zirauelarik, Axularrek, berriz, esango zukeen gisan: gure hemengo aldia egin hurran dugu. Ba ote da bigarren aldirik? Mundu honetan ez behintzat. Tronpatzen gara, geure burua eldarnioez nahastu nahi dugu. Lehenengoz, gure hutsuneak ezagutu behar ditugu, diagnostiko zorrotz eta oro hartzaile bat, serioa, benetakoa, eta estrategia egokia diseinatu: euskal gizartegintzarantz. Alta, zer nahi dugu, benetan? Euskadi, euskotarren aberri —ez euskaldunena — independentea?, nondik ere baitator, erdal kulturaz gozatzen jarraitzea?, erdaldun lankide, senide, emazte, adiskide, tabernari, saltzaile, gogaide, ohaide… atsegin edo desatseginen artean bizi?, eta gero gure eguneroko patu narrasa aldiroko ekintza erritualez estaltzeko plantak? Hizkuntza baten azken fasea erritualizazioa omen da, pankartetan ikusten dugunez. Hein handi batean horixe da elkarte humanistek, ekologistek, internazionalistek, feministek eta X-ista ia guztiek inguru erdaldunetan egiten dutena. Testu erritualak, maizegi itzulpen eskasak, askoz kaltegarriagoak erdara hutsean argitaratzen direnak baino. Ogi gogorrari haginak zorrotz ez da gure esaera kutunetatik bat, aitzitik, nahigo dugu negarrari eman esanez leku guztietan txakurrak ortozik dabiltzala, alegia, munduan bost mila hizkuntza desagertzear daudela, gizateriak altxor berreskura ezin bat galtzear dagoela, aberastasun ezinbesteko bat, sufrimendua dagoela… eta antzeko aieneak. Euskararen Egunetatik Egunetara bizi gara, urteroko ikastolen egunen artean, errudunak bilatzen, eraikitzeko kemen eta gogorik gabe. Gure konponbideak inori eskatzean dautza, gobernuei, erdaldunei, arerioei, eta eskatzen diegun hori beraiek euskalduntzen jardutea da. Ordea, hutsetik ez da ezer ateratzen, erdal gizartetik euskal gizartea. Gure egoeran, politika hedatzaileek —euskalduntzeak— huts egiten dute, erdal gizartean euskaldun estatistikoak sortuz, eta haien euskalki aizuna, erdara, estatistikera. Euskal mamia ments dugu. Alferrik gabiltza liluraturik, eta lagun ditugu politikari eta sindikatuko kide asko ez ezik, baita frankotiratzaileak ere, hots, bakarrik diharduten horiek. Gustuko dituzte halakoak euskal hedabideek. Medikuntzan bada alerik. Ukendu magikoak eskaintzen dizkigute osasungintzan euskal mundua hutsetik sortzeko, hala nola historia klinikoa euskaraz jartzea, osasun-kudeaketaren sistema informatikoak (Osabide) euskalduntzea… Lourdesko Andra Mari ere hor dugu gertu. Beharrik. Hamaika arao ikusita gaude, eta ondo dakigu horiek, berez, ez garamatzatela inora, gure gabeziak, sozio-estrukturalak direlarik, larriegiak baitira perla horiei dirdira ateratzeko. Administrazioan hamaika inprimaki eta aplikazio elebidun ikusita gaudelarik, ondo dakigu hortik ez dugula euskal gizartegintzan aurrera egiten. Alferreko gastu handiak, ez dugun denbora xahutzea. Geuk atera behar dugu ateka honetatik, eta ondo etorri laguntzei. Funtsezkoena, norabidea aldatzea da, zuhaitz ia ihartuaren kimu berriak ez daitezen alferrik gal, belaunaldi berriak tai gabe gesaldu diren bezala. Medikuntza-fakultateko kimu berriak, urtero, ia ezdeus bihurtzen dira unibertsitateko aldia burutu eta atoan. Hainbat goi-mailako profesional euskaldun erdal munduan mutu, urtu eta ezkutaturik! Hor dugu gure arazoaren benetako neurria. Utikan eldarnioak, atzipe eta ziriak! Euskalgintzak ezin du horrela jarraitu, inflexio-puntua behar du. Euskal gizartea berreraikitzeko balio ez duenak ez du balio: horra hor neurria. Erabili.com, 2015-02-10 / 07:00 Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua, 2015-02-05ean. Inkisizio berria Bibliak hilketa-andana batez ematen dio hasiera zibilizazioari: Kainek eta ondorengoek hiriak eraiki eta industriak garatu ei zituzten, hainbat gerla zirela bide. Neolitikoan gaude. Arkeologiak eta arteak berretsi dute hasiera hori: herriak eta baliabideak, boterea bera, bortxaren bidez kontzentratu dira, halako moldez non konkistatu eta menderatzeko eskubidetik sortu baitira estatuak, inperioak eta zuzenbidea. Ondoren botere-antolakuntzaren diskurtso legitimatzaileak datoz, eta mundu guztia behaturik dago diskurtsoa sinestera, bizirik iraun edo gizartearen etengabeko lehian aurrera egingo badu. Botereak askotariko aldeak ditu, baina bortxa da eragingarrienetariko bat. Norbaitek, bortxaren boterea galtzen duenean, ziur mendeko bat sortu dela, banako nahiz erkidego izan. Heraklitoren aburuz (k.a.VI-V), gerla gauza guztien iturburua da, eta ahoberokeria gorabehera, ez dirudi sobera tronpatu zenik. Bortxa, boterea denez gero, eraikitzaile eta antolatzailea da, haustura eta jauzi historikoak eragin, indarrak desorekatu, indar berriak askatu, bilbatu eta trenkatu. Bortxa, eiki, sakratua da, legearen hasierako eta azken buruko bermea, bera gabe gizartea desegiten delako (Hobbes, XVII). Horrela, agintaritzaren diskurtsoak erlijio-kutsua du eskuarki, jainko txiki bat denez gero. Berari aurre egitea, delitua ez ezik, bekatua da, Elizak beti gogoratu digunez, eta larriena bortxaz eginez gero, jainkozko ahalmenik behinena sekularizatzen baitu. Agerian edo gibelean, botere politiko-ekonomikoak bortxa non datzan erakutsi behar izaten du (si vis pacem para belum). Gerlak historian izan duen balio fundatzaile-eraldatzailea hizpide izan da garai guztietako pentsalarietan. Hegelek (XVIII-XIX) esaldi batean laburtu zuen: gerla historiaren emagina da. Eta denboraz zein tokiz hurbilago, horra hor Ortega y Gasseten (La rebelión de las masas) zenbait iritzi, gerlaren balio historiko eta herri indartsuen eskubideari buruz. Hala irudi du ezen bortxa higuin zaion moralistak, historiaren irakasbideari badarraio, ehiztari fruitu-bilatzaileen gizataldeekin egin behar duela amets, gizartea sortu aitzinekoaz hain zuzen. Bortxa historiaren arragoa. Arranoa hegaldaka doa gure gainetik, agintari nahiz herritar xehe, denok nolabait baikara ahul edo indartsu, erasotzaile eta biktima, noizbait eta nonbait, beti baitugu norbait ustiatzeko edo menderatzeko. Nazioen emagina bortxa delarik, gerla artean hasi eta mamitzen da. Aurkariaren aurkako borroka du mito fundatzailerik behinena, antzinako herrietan natura, nazio modernoetan, izterbegia. Horrela, oroimen historikoak oinarrizko elkartasuna sortzen du: arbasoen guduak eta isuririko odola independentzia jadetsi eta eusteko, heroi-martirrek sinbolizaturik (J.Aranzadi, El escudo de Arquiloco). Beraz, nazioak atxikipen heroikoa galdatzen du, sinbolikoki bederen, halako moduan non armada baita nazioaren sinbolorik behinenetariko bat. Halatan, nazioa bera sakratua da, sinestunen erkidegoa, gizabanakoa lotu eta mito heroikoekiko identitatez transzenditzen duena. Elizaren sakrotasuna nazioari transferitzen zaio, odolezko liturgiaz batera, itxuraz asko ateoak diren arren. Horregatik, Frantzian babesturik dago Mahoma terrorista deituz milioika pertsona gogor iraintzea, frantses islamiar anitz, baina delitu larria da frantses bandera destainaz erabiltzea; Espainian berdintsu. Eta, hala ere, espainiar hainbat intelektualek lotsagabeki gaitzesten dute eusko nazioaren erlijiozko oinarri odoltsua. Herri baketsu honek, bere eraikuntza nazional gorabeheratsuan, bost gerla ezagutu ditu laurogei urteko epean, nondik etorri baita Euskal Herri arrakalatu, zatitu eta sakabanatua, maizenik arerio edo arrotz agitu baikara: Konbentzioko gerla (Gipuzkoa eta Iparraldea gainerakoen etsai), Napoleonen Frantsestea (Iparraldea versus Hegoaldea), Karlistadak (Hegoalde osoa baturik, Iparraldea urrun), 1914ko Europako gerla (Iparraldea frantsestu, besteak arrotz), 1936ko gerla (Nafarroa eta besteak buruz buru). Karlistadak izan dira, bada, naziorako urrats bakarra, gainerakoak, ordea, gehiago lerratu dira Frantzia eta Espainiaren alde. Frankismoan, berriz, ezker abertzaleak eutsi dio jaidura nazio-eraikitzaileari, eta eusko nazionalismoa zatitu den arren, oro har, abertzaletasuna indarturik jalgi da. Espainiar estatuari bidezko bortxa legitimoa ukatuz beste gune sinboliko eta legitimitate bat eragin du (Aranzadi, 2001), halakoa non eusko nazioa mamituz joan baita. Zorionez, abertzaleak ohartu dira sarri bortxa ez dela egokia, are gutxiago edozein modutakoa, eta hartara tokia eskatu dute sistema politiko zindoan. Noski, bidean ez lukete eragozpenik kausitu behar, zeren, teoria politiko modernoan, estatu demokratiko batean legeari atxikitzea nahikoa baita jokoan partaide izateko; itxuraz, edonori aitortzen zaio erlijio- eta kontzientzia-askatasuna, fedea eta etika gai pribatuak direnez geroztik. Demokrazian betebehar bakarra arauak betetzea omen da. Alabaina, hara non abertzaleei etika, fede, erlijiozko oinarri jakin bat eskatzen zaien, Eliza batean edo Erdi Aroan bageunde legez: damua erakutsi, barkamen-eskea, kaltea aitortu, zoru etikoa… Etika kantiarraren ustiapen makurra, erlijio-airez ezinbestez, etsaia harrika erabiltzeko mozorroa. Ultramontanismo eta prakmatismo falta hori hagitz espainiarra da, txaranga eta panderoa bezala. Ostera, ez dirudi azalpen horrek Inkisizioaren berpiztea osoki argitzen duenik. Gobernuko alderdiak ez bide du epe laburreko onurarik abertzaleen integraziotik, are gutxiago hauteskundeei begira, berak elikatutatiko muturreko eskumaren presiopean. Inguruabar horietan aukera hobea dirudi esku gogorrez abertzaleen zatiketa eragiteak ezen ez norberarena. Alta, badagoke interes sakonago bat, denak ez baitira itsu Espainiako zerupean. Izana ere, Estatuak presoak direla medio lortuko balu eusko zutabe heroikoa deabrutzea, abertzaletasunaren ardatz sinbolikoa eraitsiko luke, eta ez luke iraungo espainiar eraikuntza heroiko-sinbolikoak besterik (Pelayo, Cid, Errege Katolikoak, txapel okerrak, La Roja, martir berriak). Triskantza mitiko-sinboliko hori kaltegarri liteke jelkideetan eusko nazionalista direnentzat ere. Inkisizioak eusko nazionalismoa sutara bota nahi du, autofede nazional batean horditurik. Nolanahi ere, suzko joko hori apustu handinahi bezain arriskutsu dateke. Abertzaleek Frankismoan erakutsiriko trebetasunaz jokatzen balekite, eta horrela, judoaren gisara, erasotzailearen mugimenduari eutsi eta baliatu bera erorarazteko, indarturik ilki litezke berriro ere, eusko konplexu sinbolikoa arnasberriturik. Berria, 2014/3/30 Euskararen biribilgunean Joxemari Iraola Aranzadi Zorionez Patxi Saezek eragindako debateak jende askoren iritziak jarri ditu mahaigainean eta mugimendua sortu du euskalgintzaren hausnarketan. Ez dut uste nire iritziarekin ekarpen berririk egitera noanik eta ez nintzateke lerrook idaztera ausartuko berak eskatu izan ez balit. Tira, behin gonbidapena onartuta, Patxik berak egindako ekarpenak sortutako hausnarketetatik hasi beharko da. Bi sentimendu kontrajarri. Lehen sentimendua, ur freskoa lehorte garaitan. Ez euskalgintzan, ez hizkuntz soziologian/soziolinguistikan ez nituen aspaldian ez ideia berririk, ez planteamendu berritzailerik ezagutu. Gustura irakurri ditut Patxi Saezek elefantearen metafora erabiliz, euskararen normalizazio prozesua bidegurutze batera iritsia omen den honetan, etorkizunerako proposamenak hausnarketa serioen gainean aurkeztuta. Bere proposamena (asko) laburbilduz bere “Elefantearen paradigma ikusi” testuan egileak berak jasotzen du Pruden Gartziak aipatutakoa berridatziz: “Patxi Saezek eskatzen duena iraultza zientifiko bat da, elefantea ikustea eta elefantearekin zer egin erabakitzea. Eta elefantea, Patxi Saezentzat, lan-munduaren euskalduntzea da”. Orain arte esandakoaren gainean bi kontzeptuk pizten dute nire interesa: bata bidegurutzea, bestea paradigma. Lehenengoari dagokionean, eta metaforen erabilerekin jarraituz, nik bidegurutzearena baino biribilgunearen irudia erabiliko nuke. Biribilgune oso konplexu batean sartuta gaudela irudikatzen dut. Ez dut azpiko irudia umore toke bat emateko asmoarekin jartzen, baizik egungo hizkuntz egoerak (eta ziurrenik beste normalizatu beharreko hainbat gizarte fenomeno ere) aurrera egingo badu(te) hurrengo urratsak zeintzuk diren pentsatzerakoan sentitzen dudana adierazteko baizik; hau da egoeraren konplexutasuna. Saiatuko naiz aurrerago sakontzen ideia honetan. Bigarren kontzeptuari, paradigmari dagokionez, magnitude handiko gaia jartzen da mahai gainean. Sistema oso bat ikusteko eta aztertzeko, oinarriaz eta moduaz aritzea suposatzen du. Alde horretatik, eta bi kontzeptuak elkarrekin lotzeko saiakera egin nahiaz, biribilgunearen irudia egokiago deritzot bidegurutzearena baino paradigmen dimentsioa duen gaiaz aritu behar bada, konplexutasuna hobeto islatzen duela pentsatzen dut. Hau da, behin paradigma aldatu beharra ikusten bada, errealitate konplexuago batek aurkezten digun egoerari erantzuteko izan dadila. Dena dela, paradigma kontzeptuari dagokionez, hau aldatzeko garaia iritsi dela esaten denean planteamendu egokia dela aitortu behar da. Laburbilduz, batetik, egungo gizarte oso konplexuan euskara biribilgune korapilatsuan sartua dago eta irteera egokiarekin asmatu nahi bada ongi pentsatu eta planifikatu behar da. Orain arte, bidegurutzera iristen ginen bakoitzean ezker-eskuin (paradigma zaharra) begiratzen genuen. Paradigma aldatuz helburua ongi planifikatzea bada, biribilgunea goitik behera (eta ez ezker-eskuin) begiratu beharko da. Gure biribilgunearen grafikoaren nondik norakoak ulertzeko goitik ez bada, zaila izango da osotasuna behar bezala ikustea eta norabide egokiari dagokion irteerarekin asmatzea. Horraino ados. Loturarik aurkitzea zail egiten zaidana ordea, paradigmaren aldaketa eta hizkuntzaren eremu funtzional bat (lan munduarekin) elkarrekin harremanetan jartzea da. Berriro ere, ezker-eskuin begiratzen ari garela iruditzen zait eta nik paradigma aldatzea esan ohi denean, zientzian behintzat, perspektibaz gain, ikuspegiaz gain, begiratzeko modua ere aldatzea ulertu izan dut. Beste hitz batzuetan esanda, hizkuntzaren normalizazioari aurre egiteko paradigma aldaketaren beharra aldarrikatzea eta hortik ondorioztatzea lanaren eremu funtzionalera begira jarri behar dugula, iruditzen zait terminoen adierazten duten mailen arteko inkongruentzia dela. Paradigma aldaketaz ari garenean eremu funtzional guztiek osatzen duten sistema osoaren aldaketaz ari garela ulertzen dudala, esango nuke. Patxi Saezek egin eta eragindako ekarpenek bi sentimendu kontrajarri sortzen dizkidala aipatu dut arestian eta ez naiz ahaztu bigarrenaz. Bigarren honi dagokionez, testuaren irakurketak, euskararen inguruko hizkuntz soziologian/soziolinguistikan testu asko irakurritakoan sentitu izan dudan ikuspegi globalago eta diziplinarteko baten faltaren sentsazioa sortarazi dit. Hizkuntz normalizazioaz ari garenean, hizkuntz politikaz ari gara eta hizkuntz politika horiek, gizarte eremu eta subjektu guztiei eragiteaz ari gara. Horrek beste modu batean esanda aldaketa/transformazio soziala eragin beharraz hitz egiten ari garela esan nahi du eta ezinbestean aldaketa sozial horiek hizkuntzari berari dagozkion faktoreez gain, beste gizarte faktoreak ere kontuan hartu beharko lituzke. Askotan hitz egiten da euskararen normalizazioaz edo hizkuntzak presentzia duen eremu funtzionalez, baina gizarteko beste faktoreengandik bereizita baleude bezala. Euskararen etorkizuna aurreikusteko eta planifikatzeko saiakerak ezin ditu alde batera utzi egun gizartean eragiten ari diren beste hainbat faktore eta prozesu. Adibide batzuk burura etorri ahala jarriz: merkatuaren zentralitatea gizartearen eta politikaren antolaketan, lan harremanen aldaketak, gizarte egituraketa berria (famili formen aldaketak, klase ertainen murriztea,...), norbanakoen identitateak sortzeko iturri ezberdin eta ugariak, gizarte fragmentazioa, indibidualizazioa, nazioarteko harremanen ondorioak (modu ez hain leungarrian esanda migrazioa, populazio mugimenduak), komunikaziorako teknologia berrien ondorioak gizakien arteko harremanen eraketan... Ez du imajinazio asko behar irudikatzeko hizkuntzaren eremu funtzionala bat (irakaskuntza), migrazio prozesuekin (etorkinak) nahastu eta komunikazioaren teknologia berria bezalako gaiak edo identitatearenak elkarrekin jartzen direnean, eta ikastetxe (edota ikastetxe mota) arteko konparaketa egiten badugu, horietatik ondorioztatuko diren ikasleen hizkuntz gaitasunak oso modu ezberdinekoak izango direla, gainera zuzenean erabileran eragingo dutenak. Ariketa bera egin daiteke lan munduarekin ere edo beste eremu funtzionalekin ere. Ziurrenik oso ikuspuntu orokorra da, baina iruditzen zait iraultza zientifikoaz, paradigma berriaz, bidegurutzeez/biribilguneez eta prozesuez ari bagara magnitude bereko begirada dagokiola. Aipatutako guzti honengatik jarri dut goian biribilgune konplexuaren irudia, goitik begiratuta oso garai aldakor eta lainotsuak ikusten ditudalako. Laino asko eta haize indartsuek eraginda azkar mugitzen direnak. Patxi Saezen proposamenera (lan munduaren eremu funtzionalera) bueltatuta, kalkulu ariketa bat egitea bururatu zait. Egia baita gure gizartea lanaren inguruan oinarritua dagoela eta balio kualitatibo handia duela, baina ez da gure elefantea gizarte bizitzan lirudikeen bezain handia. Nire estimazioen baitan EAE1ko biztanle guztiek urtean bizi dituzten 100 ordutatik2 15 (puntu pare bat gora-behera) inguru zuzentzen dira lan mundura. Kontuan izan, EUSTATen 2015eko datuen arabera, populazio aktiboaren (1.0272.000) %12,9a langabezian zegoela eta pasiboak (EAEko biztanleriaren %52,7ak) ez zuela lan egiten. Langile horiei administrazioan eta irakaskuntzan (lehen eta bigarren hezkuntzan) lan egiten dutenak kendu beharko litzaizkieke eremu funtzional horietan euren hizkuntz planak abian dituztelako (edo besterik gabe euskaldunduta daudelako) bere urteko lan jardunean. Beraz, elefantea sinbolizatuz aipatzen den eremu funtzionalaren urteko lan orduen pisua hori da ez gehiago, ez gutxiago (egia den arren kualitatiboki eremu funtsezkoetako bat dela). Ez dut hau aipatzen lan eremua lehentasunezkoa ez dela baieztatzeko, soilik hizkuntzaren eremu funtzional horretan ziurtasun linguistikoa eskuratzearen bidez lortu asmo den hizkuntzaren beharrezkotasuna oraindik ere oso motz geratuko liratekeelako baizik. Ondorioz, EAEko biztanle guztiek urtean bizitzen dituzten ordu guztien %15a lan munduan egindakoak badira, zertan betetzen dituzte gainontzeko ordu guztiak? Hau da, EAEko biztanleek urtean bizi dituzten ordu guztien %85a zertan ematen dituzte? Nire ustez paradigma berriak galdera horri erantzuteko gai izan beharko luke, errealitatearen irakurketa osatu bat nahi izanez gero, gerta baitaiteke aldi berean eremu funtzional bat baino gehiagotan aritzea nahasita/batera. Bestalde, orain arte gizarte faktoreez, eremu funtzionalez, paradigmez, eta abarretakoaz aritu gara, baina badago beste puntu bat orain arte aipatu ez den arren, garrantzi itzela duena: agente sozialak. Horiek, metaforarekin jarraituz, biribilgunearen barruan dauden beste gidariak eta autoritateak (araua egin eta betearazteko gaitasuna dutenak) dira, goitik begiratuta dinamikotasuna ematen diotenak egoerei. Gaian sakontzea saihestuz, baina aipatu gabe ez uztearren, alde batetik hiztunak/hizkuntz komunitatea ikusten dut eta, bestetik, (gure kasuan zinez definitzen zailak diren) erakundeak (agintea/boterea/estatua). Horietaz jabetzea eta hizkuntz politikak eta horiek bideratzeko planetan nola txertatzen eta konbinatzean asmatzeak ere balio beharko luke errealitateari aurre egiteko. Horra hor, beraz, nire ustez, paradigma berriak eskaini beharko ligukena. Amaitzeko, esandako guzti honetatik ateratzen ditudan ondorioak oso modu sinplifikatuan ondokoak dira: batetik, gizarteak aro oso aldakorrak bizi dituela eta horietan eragina duten hizkuntzaz gaindiko faktore eta prozesuak kontuan hartu behar direla hizkuntz normalizazioak eskatzen duen adinako gizarte aldaketa eragin nahi badugu. Bigarrenik, hizkuntz normalizazioaren definizio berria egin beharra sumatzen dut, paradigma berriak mahai gainean jarriko dizkigun galderei erantzun bat aurkitu nahi badiegu. Ziurrenik onartu beharko da hizkuntz guztiak ez direla berdinak, eta eremu funtzional guztiak berreskuratzea zaila edo ezinezkoan izango dela. Azkenik, ez da nire asmoa mezu negatiborik ematea, baina bai prozesu mantsoa izango dela ikusaraztea. Egungo errealitatea, arrisku eta aukera berriekin ikusten ditut eta horiei aurre egiteko Patxi Saezek sortu duen ezinegon intelektual hau guzti horren onerako baino ez dut ulertzen. Amaitu aurretik, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Euskaltzaindiak euskara biziberritzeari buruzko gogoetari jarraipena emateko lantaldea sortu izanak poz handia eragin didala eta handik plazaratzen diren berri, ideia eta eztabaidagaiak jada irakurtzeko zain nagoela. Animo Patxi eta mila esker elur bola hau aldapa behera bultzatzeagatik! (JOXEMARI IRAOLA ARANZADI Lezoko Udalaren euskara arloko arduradun teknikoa da) Oin-oharrak: 1.- EAErekin soilik egin dut kalkulua, helburua eremu funtzional horren ordukako estimazioa egitea baino ez zelako. Bai Nafarroan, bai Iparraldekoak 'grosso modo' datu bertsuak izango dira. 2.- Kalkulua horrela eginda: EAEko Biztanle guztiak bider 16 ordu (lo egiteko 8 ordu kenduta), bider 365 egun (urte bat). Urteko lanorduak kontabilizatzeko berriz, populazioa aktiboa bider 2.000 ordu, normalean lan hitzarmenak ordu gutxiagoak izan arren. Hizkuntz politikaren porrota eta euskararen etorkizuna Jose Mari Pastor Gonzalez Euskara sustatu beharra dugu. Nola, ordea? Zeren bidez? Borondate hutsez ikusi dugu nolako emaitzak lotu ditugun eta lortzen ari garen. Legez, dekretuz? Hori ondo dago, baina uste dut kohesio eta bake soziala gogoan jarri diren politikek muga jo dutela. Agian, garai batean komenigarriak izan zirela esango dute. Dena den, gaur egun badakigu zer eman duten eta zer ez. Agortu egin dira. Lan munduan euskararen beharra piztea aipatzen duzu zeure artikuluan. Horixe, hala egin beharko genuke. Hala ere, nahikoa izango litzateke hori? Euskal administrazioan euskara beharrezkoa da zenbait postutan jarduteko, baina hizkuntza eskakizunek ez diete enplegatu guztiei berdin eragiten. Den-denak, lan merkatuak hala behartuta, euskaldunduko balira, ederto. Orduan edozein bulego edo egoitza publikotara joan –berdin dio Osakidetza edo Industria saila– eta euskaraz egiteko aukera izango genuke. Baina hortik aurrera, zer? Funtzionario horrek, behin bulegotik irten eta gero, nola jokatuko luke? Beharbada erdaraz egingo liguke lanetik kanpo, euskararen beharrezkotasunaren zamatik aske. Kontua da: euskara ikasi eta gero, nola lortu, nola motibatu, bultzatu pertsona hori gurekin kalean ere euskaraz egitera? Zer elementu emozional garatu edo txertatu behar da langile horrek euskararen eremura salto egin dezan? Horixe izango litzateke egoera onena, idilikoa. Beno, lanean euskaraz jarduten badu, nahikoa lortu dugu. Dena den, ez da nahikoa. Gero pertsona horrek egingo duen hizkuntza aukerak gure komunikazio eremuari eragingo dio, eta hori, ahal dela, euskararen alde izan dadila lortu beharko genuke. Nola, baina? Hemen ageri da zuk aipatzen duzun gatazka kontzeptu hori. Izan ere, erdaldun edo euskaldun bat Alemaniara edo AEBetara badoa lan egitera, logikotzat jotzen du bertako hizkuntza ikasi beharra, derrigorrezkotasuna, lan egiten hasteko. Eta behin hori lortuta, ez du arazorik lankideekin, lagunekin eta kaleko jendearekin hizkuntza horretaz segitzeko. Ez du hizkuntza hori mespretxatzen, “inposatu” egin dioten arren. Ez du hizkuntza hori gorrotatzen. Behar-beharrezkoa du, biziraupen kontua da, eta azkenean horretara egokitu, moldatu beharrean dago. Hemen, ordea, hutsaren hurrena da euskara, plus bat, zama bat, askoren iritziz. UPNko morroi horren antzean pentsatzen dute herritar askok. Zertarako ikasi euskara, komunikazioa denok menperatzen dugun lehen hizkuntzan bermatuta badugu aldez aurretik? Inork ez du zalantzarik lana aurkitzeko ingelesa behar dela, eta gustura asko hartzen dute hura derrigorrez izatea. Baina euskara… Hemen gazte batzuk daude, euskara gustatzen ez zaiela esaten dutenak. Entzun egin diet. "Ez zait gustatzen", diote. Zergatik ez? Eskolarekin, derrigorrezkotasunarekin, nota batekin lotuta doazelako? Edo euskara bera delako, euskarari buruzko pertzeptzioagatik, euskararen beharra ez dutelako, erdara badutelako komunikazio tresna nagusi? Oraindik ez diot entzun etorkin marokoarren edo bulgariarren umeari "erdara ez zait gustatzen" edo "erdara gorrotatzen dut". Eta agian gorrotatu egiten dute, baina ikasi ere bai, beste erremediorik ez dutelako sozializatzeko, lagunekin hitz egiteko, lana aurkitzeko. Zer egin horren kontra? Burua makurtu? Bai, askotan horra garamatzate. Nekagarria da han eta hemen euskaraz egiten hastea, aurrekoak nola erantzungo dizun jakin gabe. Etsigarria batzuetan. Goizeko bederatzietan hasi behar duzu borrokan, “gatazka bila”, autobus gidariari euskaraz zerbait galdetu, eta hark igoal modu txarrean erantzungo dizulako? Ez da atsegina. Baina beste kontu batzuk esan eta egin daitezke, jendeak, erakundeak eta enpresak ikus dezaten. Esaterako: Donostiako jatetxe batean karta ematen dizute. Espainolez, ingelesez eta frantsesez idatzita dago. Eta begirunez galde daiteke –nik egin izan dut, ez beti hori ere egia da–. “Aizu, hau euskaraz ez duzue? Eta hemengo jendeak ez du karta euskaraz irakurtzeko modurik?” –'eskubide' hitza esanez gero, erne bazterrak, 'zapaltzailea' deitu diozu, gatazka bila ari zara eta! –. Eta orduan hark zer erantzuten duen, zeuk duzu azken hitza. Beraiek libreak dira kanpoko turistaren hizkuntzari hemengo berezko hizkuntzari eta hiztunei baino errespetu handiagoa izateko eta erakusteko. Era berean, norbera libre da, gu ere libreak gara kanpoko bezeroei bertokoei baino errespetu handiagoa dien bertoko dendari edo tabernariari dirua emateko edo ez. Baina, jakina, gu halakoak egiten hasten bagara, geu gara liskartiak, erasotzaileak. Mezu hori saldu digute, eta guk irentsi. Euskararen beharra sentitu eta sentiarazi egin behar diogu gizarteari. Kanpaina instituzionalak ondo daude, baina ez dira nahikoa. Beste alde batetik, badago beste kontu bat, kezkaz erreparatzen diodana. Zenbait abertzale eta independentistaren artean gero eta gehiago hedatzen ari den ikuspuntua: euskararen ezagutzaren erlatibizazioa. Orain, kontsentsu bila joan behar dugu, zubiak eraiki, independentzia lortuko badugu. Euskarak ez omen luke oztopoa izan behar independentziarantz abiatzeko bla, bla, bla. Malgutasuna, errespetua, begirunea. Eta nik neure buruari galdetzen diot: “Inoiz baztertu dugu inor euskal gizartean, kuadrillan, herrian, euskaraz ez jakiteagatik?”. Alderantziz. Eta zer lortu dugu buenismo horrekin? Besoak zabalik hartu dugu pertsona hori, eta berak erdaraz dantzan jarri gaitu. Haietako asko hemengoak dira, hemen jaioak, baina ez dira konturatu edo ez dute konturatu nahi izan hemengo egoera linguistikoaz. Batzuk 'de paso' daude, baina azkenean bikotekidea aurkituko dute hemen eta Markinara joango dira bizitzera. Eta etxeko bizilagunen administrazio bileretan erdaraz egiteko eskatuko dute, haiek 'de paso' daudelako. 'De paso' beti, Eta guk, tonto txepel legez, erdaraz egingo diegu, erdaraz egingo dugu geure artean, kulpa sentimendua, gatazka konplexua barneratuak ditugulako. Zenbateko garrantzia ematen diogu, benetan, euskarari? Izan ere, orain euskara gure lehen, goreneko lehentasunen artean ez jartzeko eskatzen hasi zaizkigu. Jarrera edo eskaera hori tranpa galanta izan daitekeela uste dut. Zintzoak izanda, inoiz egon da, inoiz jarri dugu euskara eguneroko praxian lehen postuan? Teorian bai, baina gero txakurraren putza –salbuespenak salbuespen, jakina, eta salbuespen horiek taliban linguistikotzat jotzen ditugu, ez soilik erdaldunek, euskaldun askok ere bai–. Orduan, nire galdera da: besterik egin behar dugu? Malgutasun, tolerantzia, errespetu ekintza eta jokabide gehiago? Orain artekoekin zer lortu dugun ikusita… Baina tira, kopla horrekin datozkigu azkenaldi honetan. Bide luzea dugu, baina ez dugu etsi behar. Hala ere, ukaezina da batzuetan nekagarria izaten dela. Toledo edo Amiens-ekoak izango bagina, espainolez edo frantsesez hitz egingo genuke modurik naturalenean, berez, besterik gabe, geure buruari galdetu gabe hizkuntza behar adina maite dugun edo ez; haren alde zer egin dezakegun pentsatu gabe. Hitz egin besterik ez genuke egingo, azalpenik eman gabe. Eta gurera etorritako batek edo hemengo batek gure hizkuntza ikasi nahi ez badu, hor konpon, ez genuke kontzientzia kargurik izango hari espainolez edo frantsesez egiten segitzeagatik, gu errudun sentitu beharrean. Gainera, egoera irreala izango litzateke. Espainola edo frantsesa ikasiko ez zuen lagun hori baztertuta egongo litzateke gizartean. Hizkuntza horren beharra izango luke bizitzeko, lan egiteko, komunikatzeko. Baina hemengoak gara eta hemen bizi gara. Tira, ez naiz gehiago luzatuko. Hausnarketa eskatu didazu eta hementxe duzu, ba. Esan bezala, bide luzea dugu aurrean. Ruperrek ondo azaltzen du: “Euskaldun izatea zein nekeza den”. Besterik ez. Animo eta eutsi horri. Besarkada bat, eta hurrengo batera arte, Patxi. (JOSE MARI PASTOR GONZALEZ kazetaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da) Beharra da giltza Laburpena: Beharrezkoa ez dena desagertu egiten da. Darwinek ere hala frogatuta utzi zigun hautespen naturalaren teoriarekin. Euskararen bizi-indarra hiztunek euskara erabiltzeko duten behar sozio-funtzionalaren neurri berekoa da. Artikuluak hizkuntza biziberritzeko paradigma berria proposatzen du: Gurdiaren Paradigma. Paradigma horren arabera, hizkuntzaren gurdia mugiarazten duen indarra hiztunek hizkuntza hori komunikaziorako tresna gisa erabiltzeko duten behar naturalaren neurri berekoa da. Behar hori gabeko hizkuntzak, Darwinek iragarri bezala, galbidean dira. Hitz gakoak: Hizkuntza, beharra, paradigma. Resumen: Lo que no es necesario desaparece. Así lo constató Darwin con su teoría de la selección natural. La fuerza vital del euskera es directamente proporcional a la necesidad socio-funcional que tienen sus hablantes de utilizarlo. El artículo propone un nuevo paradigma para la revitalización lingüística: El Paradigma del Carro. A tenor de ese paradigma, la fuerza tractora del carro de la lengua es la necesidad natural que tienen sus hablantes de utilizar esa lengua como instrumento de comunicación. Las lenguas que no generan dicha necesidad natural, como indicó Darwin, se encuentran en vías de extinción. Palabras clave: Lengua, necesidad, paradigma. Résumé: Ce qui n'est pas nécessaire disparaît. C'est ce que constata Darwin avec sa théorie de la sélection naturelle. La force vitale de la langue basque est directement proportionnelle à la nécessité socio-fonctionnelle de son usage ressentie par les locuteurs. Cet article propose un nouveau paradigme pour la revitalisation linguistique: Le Paradigme du Chariot. Selon ce paradigme, la force motrice du chariot de la langue est la nécessité naturelle des locuteurs d'utiliser leur langue comme instrument de communication. Les langues qui ne génèrent pas cette nécessité naturelle, comme le dit Darwin, sont en voie d'extinction. Mots-clés: Langue, nécessité, paradigme. Summary: What it is not necessary disappears. Darwin proved this statement with his theorem of natural selection. The vital force of the Basque language depends on the usage of this in the society. The article suggests a new paradigm for the linguistic revival: The Paradigm of the Cart. According to this paradigm, the force that moves the cart of the language is the natural need of communication. A language without that need, as Darwin predicted, are in the way of extinction. Key words: Language, need, paradigm. Beharra da giltza Zerbait aldatu nahi duenak, lehen-lehenik, aldaketa horren beharra ikusarazi behar du, beharra agerikoa egin behar du. Ondoren, aldaketa hori egiten lagundu dezaketen eragileak behar horretaz jabearazi behar ditu. Hain zuzen ere, asmo horrekin idatzi nuen Elefantea Ikusi (Saez, 2015) eta asmo horrekintxe joan nintzaion ate joka Andres Urrutia euskaltzainburuari. Gerora ere, Euskaltzaindiak antolatutako Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak jardunaldira euskarak behar-beharrezkoa duen aldaketa soziala ikusarazteko intentzioarekin bertaratu nintzen (Saez, 2016). Euskalgintzaren luze-zabalean aski errotua dago ziklo aldaketaren beharrarena. Egindakoetatik egiteke daudenei heltzeko behar gorria antzematen da euskalgintzaren baitan. Aldaketa behar hori, ordea, euskaldunez osatutako gizarte osora zabaltzea da eman beharreko hurrengo urratsa eta Euskaltzaindiak horretan akuilu lan handia egin dezake, izan ere, euskal gizartearen luze-zabalean onarpen handia du euskararen Akademiak eta aitormen betea mugaz bi aldeetako herritar eta erakundeen artean. Euskaltzaindiak bere sorreratik badu egiteko nagusi bat: euskararen herritik hizkuntza arnasberritzeari buruzko arrangurak eta hausnarketak jasotzea eta euskararen herriari ematea, euskararen etengabeko ekinean jarraitzeko. Aurki, 2019an, mendeurrena beteko du Euskaltzaindiak eta euskararen etorkizuna irabazteko beste mugarri bat jar dezake: euskararen estatusean gizarte berrikuntza ekartzeko, Biltzar Nagusi bat antolatzea. Horixe da nire proposamena. Hizkuntza Planifikazioak, eraginkorra izateko, problema nagusia aurkitu behar du. Joshua A. Fishman soziolinguista handiak ere halatsu esanda utzi digu: «Problema txikiez ardura zaitezke, problema nagusia ikusi gabe. Hori izango litzateke zoologikora joan eta bakarrik zorriak ikustea, elefantea ikusi gabe» (Fishman, 1987). Gaur egungo gazteen % 80k euskara eskolan ikasi du. Gazte horiek erdara dute etxeko hizkuntza eta euskaraz baino erraztasun handiagoz moldatzen dira erdaraz. Gazte horiek eskolako ibilbidea bukatu eta laneratzen direnean erabat erdarazkoa den mundu batean murgiltzen dira eta lehendik zorroztu gabe daukaten euskara erabat kamusten zaie. Izan ere, hizkuntzak tresnak dira, komunikaziorako tresnak, eta behar ez ditugun tresnak zokoratu eta baztertzen ditugunean, azkenean, herdoilak jaten ditu eta erabiltzeko gauza ez direla geratzen dira. Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzeko erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak galbidean jartzen ditu lan munduak. Horixe dugu gaur egun begi bistan egon arren ikusten ez dugun elefantea. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak «Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2015» txostena aurkeztu zuen 2016ko maiatzean, eta txosten horretan dio lan mundua dela euskara normalizatzeko gakoa. Behatokiaren ustez, «Euskara ez da normalizatuko lan mundua euskalduntzen ez den bitartean». Enpresa batzuetan euskara planak abiatu arren, maiz eskolak euskaldundutakoa lanak «erdalduntzen» duela ohartarazi du Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. Hizkuntzaren oinarrizko beharra: berezko hiztunak Landareari lurrak bizi-indarra ematen dion bezalaxe, hiztunek ematen diote bizi-indarra hizkuntzari. Lurra nolakoa, halakoa izan ohi da landarea, indartsuagoa edo ahulagoa. Hiztunek ere eragin betea dute hizkuntzen indar edo ahulezian; hiztunak dira hizkuntzen funtsezko bizigaia. Landarea lurrean sustraituta bizi den bezalaxe, hizkuntzak hiztunengan bizi dira: hizkuntzek, bizirauteko, behar-beharrezkoak dituzte hiztunak, nahitaezko. Irudika dezagun euskara landare bat dela eta loreontzi batean dugula. Loreontzi horrek gaur egun orain 30 urte baino %70 lur gehiago dauka. Baina lur berri horrek ez dio landareari bizi-indarrik ematen. Landarea ez da hazten, ez da indartzen. Gainera, gure landarea ahultzen ari ote denaren lorratzak ditugu, izan ere, arnasbide dituen hosto batzuk horaildu egin zaizkio (gune euskaldunetan, euskararen arnasguneetan, galerak antzeman dira azken mapa eta inkesta soziolinguistikoetan). Horixe dugu euskararen gaur egungo egoera: azken 30 urteotan hiztun asko irabazi ditu, baina hiztun berri horiek ez diote bizi-indarrik ematen. Zer gertatzen ari da? Euskarak lur berri dituen hiztunak etengabe irabazten dituen arren, zergatik ez du indarrik hartzen euskaldunez osatutako gizartean komunikaziorako tresna gisa? Erantzuna begi bistakoa da: euskararen landareak lur gehiago irabazi duen arren, lur horretan beste bi landare ere badirelako, euskara baino handiagoak eta indartsuagoak: gaztelania eta frantsesa. Bi landare horiek sustrai luze eta indartsuak dituzte eta euskarak daukan lur horretatik elikatzen dira. Bi landare horiek euskararen funtsezko bizigaia bereganatzen dute: hiztunak bereganatzen dituzte. Beraz, nahiz eta euskarak azken 30 urteotan %70 lur gehiago izan; nahiz eta elikatzeko %70 aukera gehiago izan, lur hori elikagai potentziala du, baina ez benetakoa. Euskara elika dezakeen lur berri horrek, hiztun berri horiek, ez dute euskara elikatzen, baizik eta, loreontzi berean dauden erdarak elikatzen dituzte. Hiztun horiek horregatik moldatzen dira hobeto erdaraz: bizi-indarra erdarari ematen diotelako, eta ez euskarari. Euskararen hiztun potentzialak dira, baina ez funtzionalak. Datuek ere horixe diote: EAEko euskaldunen %44 hobeto eta errazago moldatzen da erdaraz euskaraz baino. Horrela dio 2016ko urrian argitaratu berri den VI. Inkesta Soziolinguistikoak. Hauts horretatik sortua da lohitzen gaituen lokatza. Euskarak indarberritzeko duen hiztun beharra aldarrikatuz, horrela irakur zitekeen, 2015eko 19. Korrikaren hasieran, Urepelgo herrian etxe baten leihotik zintzilik jarritako banderola edo pankarta batean: «Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu». Eta hemendik beste galdera bat sortzen zaigu: Hiztunek nolakoak izan behar dute hizkuntza bati bizi-indarra emateko? Zer hiztun mota behar du hizkuntza batek gero eta indartsuagoa izateko? Nolakoak izan behar dute hizkuntza baten taxuzko hiztunak edo berezko hiztunak, alegia, hizkuntza batek bere-bereak dituen hiztunak? Bi ezaugarri nagusi izango dituzte berezko hiztun horiek: 1. Ezagutza: Hiztunak hizkuntza hori erabiltzeko beste edozein hizkuntza erabiltzeko baino erraztasun handiagoa izatea. Hizkuntza horretan pentsatzea. 2. Erabilera: Hiztun aktiboa edo funtzionala izatea: hizkuntza hori erabiltzeko aukera duen komunikazio harreman guztietan, hizkuntza hori aukeratzea. Hizkuntza horretan bizitzea. Gurdi bereko bi gurpilak dira ezagutza eta erabilera: ibiliz ikasten da oinez, eta hizkuntza, erabiliz. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta erraztasun handiagoa lortzen dugu. Erabiltzearen poderioz ikasitakoa praktikan jartzen dugu modu errepikakor, automatiko eta inkontzientean, hizkuntza erabat gure baitako bihurtu arte. Gurpil bi horiek mugitzeko indarra, berriz, komunikaziorako behar naturala da: hiztunak hizkuntza hori erabiltzeko daukan behar sozio-funtzionala. Halaxe azaldu nuen, Gurdiaren Paradigma 2016, Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak jardunaldian, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian, 2016-02-12an (Saez, 2016). Hizkuntza batek dituen berezko hiztunen artean hiru motatakoak ditugu, bai behintzat, euskararen kasuan: elebakarrak, elebidunak eta eleaniztunak. Euskaldun elebakarrik ez dago gaur egun, azken euskaldun elebakarra orain hogei urte inguru desagertu zen. Euskaldun elebidunak ere desagertzeko bidean dira, mende honen bukaera iristerako ez da alerik izango. Euskarak iraungo badu, nagusi behar ditugunak berezko hiztun eleaniztunak dira. Horiek sortzen egin behar dugu ahalegina. Hiztunen batez bestekoari dagokionez, munduan nagusi eta hegemoniko diren hizkuntzek dituzte hiztun elebakar gehien (ingelesak, txinerak, arabierak, gaztelaniak eta errusierak, besteak beste) eta ahuldutako hizkuntzek, aldiz, hiztun elebidun eta eleaniztun gehien. Honela dio, elebakarrei buruz, Kataluniako Carme Junyent hizkuntzalariak (Junyent, 2016): «Francoren sasoian katalanak ez zuen hiltzeko perilik, hiztun elebakarrak bazirelako. Orduan, ezinezkoa zen hizkuntza desagerraraztea. Gure amatxik, erratekoz, ez zekien katalanez bertzerik: alferretan zen hari gaztelania inposatzea». Beraz, hizkuntza bat hiltzeko arriskua hiztun elebidunak sortzetik eta horiek erdalduntzetik dator. Gaur egun, bospasei urte arteko haur gutxi batzuk ditugu euskaldun elebakar, eta ale bakar. Hain zuzen ere, haur horiei elebidun bihurtzeko halabeharretik sortzen zaie erdalduntzeko arrisku bizia, batez ere, eskualde erdaldun batean bizi badira. Tolosako Juan Inazio Hartsuaga antropologoak ere idatzi du elebakarrei buruz (Hartsuaga, 2016): «Bada zerbait, beraz, hizkuntzaren batasuna, euskarazko irakaskuntza, euskarazko komunikabideak eta euskararentzako lege babesa baino indartsuagorik: euskaldun elebakarrak. Izan ere, zenbat iraun du euskarak bere etengabeko atzerakadan elebakarren oxigenoa amaitu zaionean? Mende bat, mende t'erdi, bi mende? Hogei urte inguru izango dira azken elebakar apurrei lur eman geniela eta dagoeneko hasi gara erabilpen mailan sintoma kezkagarriak sumatzen han eta hemen». Azken batean, euskarak berezko hiztunak behar ditu, bere-bereak dituen hiztunak, komunikazio egoera guztietan euskara lehenetsiko duten hiztunak. Erabileraren bizilegean, euskara bere senetik, bere muinetik, sorberrituko duten hiztunak. Euskaltzale porrokatuak izan gabe, eta izan beharrik gabe, modu naturalean, hizkuntza berezkoa dutelako, euskaraz bizi eta euskaratik pentsatuko duten hiztunak eta, aldi berean, munduari zabalik dauden hiztun eleaniztunak. Izan ere, horrelako hiztunek, eta ez bestelakoek, emango diote bizi-indarra eta iraupena euskarari. Hiztunaren oinarrizko beharra: komunikaziorako hizkuntza Hizkuntzak gizakiak komunikaziorako asmatu dituen tresnak dira. Gizateriaren historiaren sokan bizirik iraun duten hizkuntzak hiztunen komunikazio beharretara egokitu izan dira: komunikazioa izan dute molde eta moldatzaile. Eta komunikazio premia horietara moldatu eta egokitzetik etorri zaie hizkuntzei etengabeko aldaketa. Eta etengabeko egokitze eta aldaketa horretatik etorri da hizkuntzen garapena eta modernizazioa, baita euskararena ere. «Hizkuntza gutxituak» bere hiztunek dituzten komunikazio behar guztiak betetzen ez dituzten hizkuntzak dira, beste hizkuntza batek —menderatzaileak— beren komunikazio-esparru eta funtzioak bereganatu dituelako. Hizkuntza gutxitua galbide arriskuan legoke, hizkuntza menderatzaileak bere komunikazio-eremu eta funtzio guztiak bereganatuta dituenean eta hizkuntza gutxituak bere hiztunen komunikazio beharretarako inongo baliorik ez duenean. Gurean, euskara dugu hizkuntza gutxitua. Hizkuntza —gure kasuan, euskara— komunikazio tresna bat da. Beraz, tresna hori komunikaziorako, zein mailatan, zein gradutan den beharrezko, erabilera horren araberakoa izango da —baita ezagutza ere—. Euskara, komunikazio naturalerako, gero eta beharrezkoago bada, orduan eta erabilera eta ezagutza handiagoak izango ditu. Baina baterako dena, besterako ere bada: zenbat eta komunikaziorako behar txikiagoa izan, orduan eta zokoratuago eta baztertuago. Argi eta garbi mintza gaitezen: beharrezkoa ez dena desagertu egiten da. Darwinek ere hala frogatuta utzi zigun hautespen naturalaren teoriarekin. Gaur egun, non da beharrezko euskara? Gizarteko zein eremu funtzionaletan da ezinbesteko? Inon ez. Euskara bigarren mailako hizkuntza dugu. Euskaldunak askotan behartuta gaude, ezinbestean, gurea ez den hizkuntza erabili behar izatera lagun hurkoarekin komunikatu ahal izateko. Euskararen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskara gizartearen periferiatik erdigunera ekarri nahi badugu, bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izateko bidean jarri nahi badugu, azken batean, euskara gizartearen ardatzean jarri nahi badugu, nahitaez, Euskal Herriko herritarren balio-eskalan euskarak garrantzi handiagoa irabazi behar du eta hori bide bakar batetik lortuko dugu: euskara Euskal Herriko herritarren gizarte bizitzan komunikaziorako beharrezko eta ezinbesteko bihurtuta. Izan ere, gaur egun, euskara, bere txikitasunetik, bere funtzionaltasun eskasetik, herritarren begietara, hutsaren hurrengo azaltzen da gaztelaniaren eta frantsesaren ondoan. Lluís Vicent Aracil Valentziako soziolinguistaren hitzetan, euskararen ahuleziak gaztelaniaren garrantzia eta beharra are eta nabarmenagoa egiten du: «El euskara subraya la importancia del castellano». Behar naturala Euskara normalizatu nahi badugu, euskara gizartearen erdigunean jarri nahi badugu, euskararen aldeko aldaketa soziala eragin nahi badugu, euskara erabiltzeko behar sozio-funtzionala, edota bestela esanda, komunikazio hizkuntza izateko behar naturala, sorrarazi behar dugu hiztunen artean. Edo, hobeki esan, hizkuntzak berak sorrarazi behar du behar natural hori hiztunen artean. Egoera normalizatu batean dagoen hizkuntzak hiztunengan eragindako behar hori berezkoa du, naturala. Hizkuntzaren berezko hiztunentzat, batik bat elebidundu gabe daudenentzat, hizkuntzaren beharra ikusezina da: berezko adierazpide duten hizkuntzaren erabilera erabat arrunt eta ohikoa zaie. Ikus dezagun Bernardo Atxaga idazlearen testigantza (Atxaga, 2017): «Haurtzaroko aldi labur batean hizkuntza erabat arrunta izan zitzaidan euskara. Ez nuen hari buruzko iritzi edo, gerora maiz bezala, kezkarik. Aitari eta amari atta eta ama deitzen nien, euriari ebi edo eguzkiari eguzki deitzen nien bezala, eta horretan erabakitzen zen dena, pertsonak eta gauzak izendatzeko modu "betikoaren" erabileran. Alde horretatik, Irazune nire etxean sortutako ume guztien parekoa nintzen; haiek ere, XX.garren mendean bezala XIX.ean edo XVIII.ean, atta, ama, ebi eta eguzki esan izan baitzieten aitari, amari, euriari eta eguzkiari. Gainera, nire kasua Asteasu herriko beste ume guztiena zen, eta bai halaber Euskal Herriko beste askorena ere. Guztiok ginen euskaldunak, "euskara dunak"». Gizakia gizaki artean bizi den aldetik, komunikazioa gizakiaren berezko behar naturaletako bat dugu. Baina gizakiak baditu behar natural gehiago eta komunikazioa baino premia handiagoa dutenak bere biziraupenerako. Hain zuzen ere, euskara, gizakiak dituen berezko behar natural horiek asebetetzeko, komunikazio tresna arrunt eta ohiko bihurtzen dugun hein berean jarriko dugu normalizaziorako bidean. Gizakiak bere gizakitasunetik bi mailatako behar naturalak ditu: alde batetik, norbanakoari dagozkion oinarri-oinarrizko beharrak ditu, behar fisiologikoak, bizirik irauteko nahitaezkoak (arnasa hartu, elikatu, lo egin, bere burua garbitu, jantzi, osasuna zaindu...). Eta, beste alde batetik, gizarte mailako beharrak ditu, gainontzeko gizakiekin dituen harreman edo gizarte mailako elkarrekintzetatik sortutako beharrak (familia sortu, lagunak izan, maitasuna erdietsi, onarpena izan, estatus bat lortu, prestigioa izan, arrakasta lortu, autoerrealizazioa...). Hain zuzen ere, hizkuntza bat —gurean euskara— bere hiztunek dituzten beharrizan naturalekin lotuta dagoen neurri berean bihurtuko da komunikaziorako ezinbesteko edo hutsaren hurrengo. Ikus, Abraham Maslow estatubatuarraren gizakiaren beharren piramidea, (Maslow, 1943): Hizkuntza batek asetzen duen komunikazio beharrik oinarrizkoena haur jaioberriarena da. Gizakiak dituen beharrik oinarrizkoenak behar fisiologikoak dira, alegia, gizakiak bizirik irauteko oinarrizkoenak. Beraz, gizakiaren berezko behar naturalen mailarik oinarrizkoenean, haur jaioberriarena izango genuke. Hil ala bizikoa du haur jaioberriak ama duenari bere behar oinarrizkoen berri ematea. Haurtxo babesgabeak ez du gaitasunik bere kasa elikatzeko, eta amarik gabe ezin du iraun. Lehenengo egun eta hilabeteetan haurrek negarra dute adierazpide eta, hizkuntza ikasteko gaitasuna garatu ahala, esan ohi duten lehenengo hitza munduko hizkuntza guztietan ia berbera da: «ama». Gizakiarentzat ahoskatzeko fonemarik errazenak ezpainbikoak dira: m, p eta b. Baita a bokal irekia ere. Hitz egiteko saiakeran, haurraren ahotik irten ohi diren lehen soinu horiek, gurasoek beren buruarekin lotzen dituzte eta, horregatik, munduko hizkuntzetan «ama» da hitzik unibertsalena. Horregatik, hain zuzen ere, munduaren bi muturretan, Nepalen eta Euskal Herrian, izen berbera dauka gu guztion sortzaileak: «ama». Gizakiak, edozein harreman sistematara iristen denean, familia izan, lagunartea izan, lantokia izan edo herri bat izan, ahalegin betea egingo du harreman sare horretan erabiltzen den komunikazio moldea bereganatzeko. Izan ere, gizaki orok antolaketa sozial batera egokitzeko ahalegina egingo du, antolaketa sozial horrek bere gizatasunaren oinarrizko behar naturalak betetzen dituen neurrian. Hizkuntza ororen bizi-indarra antolaketa sozial batean duen funtzionaltasunaren araberakoa da. Hizkuntza bat zenbat eta funtzionalago eta erabiliago izan, orduan eta ezagutza zabalagoa eta orokortuagoa izango du sistema sozial horretako kideen artean. Azken batean, hizkuntza batek funtzionaltasun eta erabilera handia badu antolaketa sozial jakin batean, «behar natural» handia sorraraziko du bertan txertatu nahi duten kide berrien artean. Ikus dezagun herri mailako antolaketa sozial baten adibidea (Albizu, 2016): Hilabete batzuk daramatzate Azpeitian bizitzen Valeria Silva brasildarrak eta Veronica Medina espainiarrak. Euskara ikasten ari dira biak, eta egunero joaten dira euskara ikasteko saioetara. Valeria Silva eta Veronica Medina. Biak emakumeak, beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira etorriak. Azpeitiak «harrera ona» egin diela azaldu dute, baina beraiek ere esfortzua egiten ari dira herrira moldatzeko. Iritsi, eta lehen «traba» hizkuntza izan zuten: euskara. Halere, oztopoari aurrez aurre begiratu zioten, eta aukera bat ikusi zuten. Brasildik etorri zen Euskal Herrira Valeria Silva, duela zazpi hilabete; eta Espainiatik, berriz, Veronica Medina, orain hiru hilabete. Silva amarekin bizitzeko asmoz mugitu zen herrialdez alabarekin; izan ere, Azpeitian bizi da haren ama 2005az geroztik. Medina ere familia kontuengatik dago Azpeitian: senarrarengana etorri da sorterritik. Pakistangoa du bikotekidea, eta herrian bizi da joan den urtetik. Ez batak, ez besteak, ez zuten uste Azpeitian beharrezko izango zutenik euskara bizitzeko. Brasildarrak ez zuen euskararen berririk; espainiarrak, aldiz, entzuna zuen zerbait hizkuntzaren inguruan, baina ez zuen pentsatzen horrenbeste erabiliko zenik kalean. «Iritsi nintzenean harrituta gelditu nintzen, zera pentsatu nuen: zer gaztelania arraro hitz egiten dute hemen?», azaldu du Silvak. Segituan erabaki zuten euskara ikasten hastea. Espainiarra izanda, Medinak bazekien Euskal Herriak bere hizkuntza zuela, baina ez zekien hain «zabaldua» zegoenik. «Uste nuen gaztelaniaz moldatuko nintzela hemen, baina kalean ibiltzeko eta jendearekin harremantzeko euskara behar dudala ikusi dut». «Egia da euskara ezin duzula erabili Euskal Herritik kanpo; baina berdin du, garrantzitsua da orain hemen gaudelako. Ogia erosteko behar dut euskara», adierazi du Medinak. Lagunak ere euskaldunak egin dituela esan du; hori dela-eta ematen dio garrantzia hizkuntzari. «Lagunak egiteko baino gehiago, lanerako ikusten dut garrantzitsua hizkuntza. Hemen gelditzeko etorri naiz, eta hemengo jendeari zerbitzuren bat eman nahi badiot, euskara jakin beharra dago», erantzun dio Silvak. Valeria Silva brasildarrari eta Veronica Medina espainiarrari gertatu zaien bezala, euskara erabiltzearen aldeko egoera sozial batean murgilduta dagoenak, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, ahalegina egingo du egoerak sortzen dion behar natural horretara egokitzeko eta gehiengoak duen hizkuntza jokabidera moldatuko da. Beharbada, moldaketa edo egokitzapen hori ez du egingo nahi duelako, ezta horretarako borondatea duelako ere, baizik eta jokabide sozialaren aurka ez joateagatik, azken batean, sistema horretan euskara erabiltzeko dagoen arau soziala ez urratzeagatik eta gatazka ez sortzeagatik. Sistema sozial batean gehiengoak finkatutako arau soziala ez betetzeak gatazka sor dezake eta sistema sozial horren periferian, baztertuta gelditzeko arriskua dago. Beraz, gure gizatasunetik etengabeko onarpenaren eta integrazioaren bila gabiltzanez, egokitu egingo gara gizarte-sistemak finkatutako jokabideetara, baita euskaraz egiteko dagoen arau sozialera ere. Euskararen aldeko egoera sozial batean murgilduta dagoena, nahiz eta erdaraz hobeto moldatu, euskaraz egiten ohitzen joango da, gaitasuna eskuratzen, jarrera aldatzen eta, azken batean, euskara erabat erabilgarri bihurtuko zaio, izan ere, praktika etengabeak ekarriko baitu hizkuntza barneratzea eta erraztasunez erabiltzea. Getxon itsasoari begira bizi den aulestiar batek (Onaindia, 2017) bere seme nerabearen hizkuntza jokabidea eman digu jakitera: «Azalduko deutsuet bizi dodan errealidadea. Jatorriz euskera hutsean bizi dan herri batekoa nauzue, arnasgunea deitzen dan horreetarikoa, baina gaur egun euskerea nagusi ez dan herri batean bizi naz. Internet garaian jaio eta hazitako seme nerabea daukat, whatsappa eta bestelako komunikazino bide modernoak eten barik erabilten dituana. Euskera batuan hezi eta hazi dan ikastolako lagunekin mezuak gaztelania hutsean ketan ibilten dira sareotan, baina asteburu eta oporretako atsedenleku dogun nire jaioterriko kuadrilakoekin euskera hutsean: etxeko euskeran bizi-bizi, nahiz eta danak euskera batuan alfabetatuak izan. Guztiek ikasi dabe batuaz eskolan, ez dira euskalkian alfabetatu, baina alkarri mezuak bialtzeko euskalkiaren/ahozkotasunaren freskotasuna bilatzen dabe. Konturatu naz ganera gaztelaniazko forma modernoen ordezkoak topetako arazorik ez dabela». Bi lagunarte dituen gazte nerabe horrek hizkuntza jokabide bi ditu: gaztelania hutsean egiten du Getxoko kuadrillarekin eta euskara hutsean Aulestiko lagunekin. Bistan da Getxon gaztelaniaren aldeko egoera soziala bizi duela eta Aulestin, berriz, euskararen aldekoa. Gazte nerabe horrek hizkuntza jarrera egokitzailea du, lagunarte bakoitzean ezarrita dagoen hizkuntza araua ez urratzeko eta, azken batean, lagunarte horietatik baztertuta ez gelditzeko. Aulestin euskarak komunikazio hizkuntza gisa eragiten duen behar naturalari lotu zaio gaztea, Getxon, aldiz, gaztelaniak duenari. Lagunarteko kontuak utzi eta gatozen bikote kontuetara. Nerabezaroan, 15 urterekin, maiteminak elkartu zituen Edurne eta Javi Gipuzkoako Beasainen. Edurnek hasiera-hasieratik garbi utzi zion Javiri euskaraz nahi zuela elkarren arteko harremana. Javik erdara zuen etxeko hizkuntza, baita lagunartekoa ere. Eskolan ere den-dena erdaraz. Javiri maitearen nahia beharrizan bihurtu zitzaion eta buru-belarri jarri zen euskara ikasteko ahaleginean. Gau-eskolan eman zuen izena eta berebiziko eginahala eginda lortu zuen euskara kolkoratzeko zeukan behar hari erantzutea. Edurnek eta Javik ez zuten luzaroan iraun elkarrekin baina Javik euskara bereganatu zuen betiko. Gaur egun, 37 urte geroago, euskaraz egiten du seme-alabekin, lagunekin eta baita lankideekin ere. Nerabezaroko maiteminak euskaradun bihurtu zuen Javi. Edurnek, berriz, Donostiako Niko ezagutu zuen. Niko ere Javiren enbor berekoa zen hizkuntza kontuetan eta Javik bezalaxe, Edurneren guraria betetzeko, ikasi egin zuen eta, gaur egun, euskaraz bizi da Edurnerekin eta elkarrekin izan dituzten hiru semeekin. Gure gizatasunetik berezkoak ditugun oinarri-oinarrizko beharrak betetzeko, maitasuna kasu, premiazkoak ditugun baliabide guztiak eskuratzen saiatuko gara. Javik eta Nikok euskara behar zuten Edurnerekin zeukaten maitasun harremanarekin aurrera egiteko eta «behar natural» horren indarrak eraman zituen euskara ikastera. Hain zuzen ere, nahiz eta euskararik ez jakin, egoerak sortutako hizkuntza premiara egokitu ziren biak ala biak, eta «behar natural» hori izan zuten euskara ikasteko akuilu. Azkenburuko adibide bat aipatuko dut. Azken zazpi urteotan, Bikain ziurtagiriaren ebaluatzaile ibili naiz, urtero enpresa banatan. Bikain egiaztagiriak hizkuntza kudeaketaren bikaintasun maila neurtzen du lan erakundeetan. Enpresa guztietan langileekin aurrez aurreko kontraste taldeak antolatzen ditugu eta enpresa guztietan, handik edo hemendik, azkenean, beti antzeko aitormena egiten digute: «Enpresan euskara plana abian jartzearekin berebiziko ezustekoak hartu ditugu. Erdaldun peto-petoak zirela uste genituen langileak euskaraz egiten hasi dira». Zer gertatu da langile euskaldun horiekin, euskara plana abian jarri arte enpresan euskaraz ez egiteko? Langile horiek, enpresak euskara plana abian jarri duenean, beren burua babestuta ikusi dute euskaraz egiteko, eta orduan hartu dute euskaraz azaltzeko erabakia. «Gatazkaren sindromea» dute eta euskararen alde dauden arren, enpresaren hizkuntza jokaera zalantzan jarri gabe, enpresan gaztelaniak duen nagusitasunera —arau sozialera— makurtu eta egokitu egin dira. Gaztelaniaz funtzionatzen duen sistema horretan desoreka ez eragiteagatik, gatazka ez eragiteagatik, «jokabide egokitzailea» hartu dute eta gaztelaniaz egitera behartu dute euren burua. Euskaldunok ume-umetatik euskara hizkuntza gatazkatsua dela barneratzen dugu, alegia, euskaraz egiten badugu, gatazka sortzaile izan gaitezkeela. Baina, gaztelaniaz eginez gero, gatazkarik ez dugula sortuko barneratzen dugu. Gaztelaniaz eginez gero, arazorik ez. Euskaraz eginez gero, arazoak nagusi. Bestela esanda, euskara gatazka da eta gaztelania, aldiz, harmonia. Nork nahi du gatazkatik gatazkara ibili, etengabeko liskarrean? Inork ez. Horregatik, euskararen alde egon arren, gatazkarik txikiena sor daitekeela antzematen dutenean, gaztelania erabiltzen dute, sistema sozial horretan gaztelaniaren aldeko arau soziala dagoela antzematen dutelako. Euskaldunek euskaraz egiten dute euskaraz egiteko aukera dagoela dakitenean. Euskaraz egiteko, ziurtasun bila ibili ohi dira euskaldunak. Beraz, euskararen aldeko borondatea izan arren, gatazkaren mehatxuak euskaraz egitea eragozten die euskaldunei, trabarik txikiena antzematen dutenean. Etxetik euskara jaso eta ikasketa guztiak, oinarrizkoetatik unibertsitatekoetaraino, euskara hutsean egin dituen gaztea, euskaraz erdaraz baino erraztasun handiagoz moldatzen den gaztea ere, hartu berri duten enpresan gatazka piztaile ez izateagatik gaztelaniaren uztarripean jarriko da, euskararen aldeko borondaterik handiena izanda ere. Gazte euskaldun horri ezin diogu eskatu borroka horretan sar dadin. Bide eman behar zaio, aukera errealak jarri behar dizkiogu euskaraz egiteko. Euskaraz egiteko eremu ziurrak sortu behar ditugu, «ziurtasun linguistikoa» bermatzen duten erabilera eremuak sortu behar ditugu. Behar naturaletik, ezagutza eta erabilerara Euskaltzaindiak 2016ko otsailaren 12an antolatu zuen Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak jardunaldian, euskara indarberritzeko paradigma berria proposatu nuen, Gurdiaren Paradigma (Saez, 2016). Hizkuntzaren gurdiari beharrak egiten dio tira, komunikaziorako behar naturalak, alegia, hiztunak hizkuntza hori erabiltzeko daukan behar sozio-funtzionalak. Gurdiaren ardatzean, berriz, bi gurpil daude: ezagutza eta erabilera. Behar naturalaren indarrak hizkuntzaren gurdia mugiarazten duenean, ezagutza eta erabileraren gurpilak jirabiraka hasten dira ondorengo ibilbidea eginez: 1. Ezgaitasun inkontzientea: Ez dakigu eta, gainera, ez dakigu ez dakigula. Ez dakigu eta ez gara jabetzen gure ezjakintasunaz. Ez gara jakitun gure ezjakintasunaz, eta ez gara konturatu ere egiten zer ezagutza eta gaitasun falta ditugun. Haur txikiek ez dakite gidatzen ez dakitela eta, gainera, ez dira jakitun gabezia horretaz. Berdin gertatzen zaie Amazonas ibai emaritsuaren alboko basorik trinkoenaren baitan, sekula auto bat ikusi gabe, bizi direnei. Etorkin askori ere horixe gertatzen zaie euskararekin. Euskal Herrira etorri arte ez dira jabetzen euskara ez dakitela eta gaitasun falta hori dutela. 2. Ezgaitasun kontzientea: Ez dakigu baina badakigu ez dakigula. Zer ez dakigun badakigu eta ikasteko ahalegina egiten hasi behar dugu. Ikasteko geratzen zaigun guztiaren jakitun gara une honetan, eta ikasteko erabakia hartu dugu. Autoeskolara joan gara eta azterketa teorikoa gainditzeko ikasi beharrekoen berri dugu, eta baita azterketa praktikoa egiteko ere zer ikasi behar dugun eta gutxienez zenbat denbora beharko dugun dakigu. Une honetan ez dakigun guztiaren eta ikasi beharrekoaren kontziente gara. Berdin gertatzen zaio euskara ikasteko erabakia hartu duen etorkin horri ere: euskaltegira joan da eta hantxe konturatu da euskara ikasteko, hasieratik bukaera arte, egin beharreko ibilbideaz, ikasi beharreko guztiaz eta beharko duen denboraz. Ikasketa-prozesuaren bigarren urrats honetan ikasten hasiko gara eta arazoak sortuko zaizkigu. Arreta osoa jarri beharko dugu sortzen zaizkigun arazoak gainditzeko. Deseroso aurkituko gara, baina urrats honetan ikasiko dugu gehien. Ikasketaren unea da. 3. Gaitasun kontzientea: Badakigu eta, gainera, badakigu badakigula. Jakin beharrekoa dakigunean eta egiteko gai garenean, baina, egin ahal izateko, gure arreta eta kontzentrazio osoa behar dugunean. Une honetan ikasitakoaz jabetzen gara baina ikasitakoa ez dugu erraztasunez erabiltzen. Badakigu autoa gidatzen baina arreta eta kontzentrazio osoa jarri behar dugu gidatzeko. Gidatzerakoan eman beharreko urrats bakoitza (ispilutik begiratu, keinukaria jarri, enbragea zapaldu, martxa aldatu, enbragea askatu...) burura ekarri behar dugu eta banan-banan eman behar ditugu baina, oraindik, makal eta baldar gabiltza. Gidatzeak ikaragarri nekatzen gaitu. Euskara ikasten ari denari ere gauza bera gertatzen zaio: esaldi bat ezpainetara ekarri aurretik buruan antolatu beharra dauka, eta esaldia esan nahi duenarekin bat ote datorren neurtuko du etengabe. Gainera, 3. urrats honetan, ikasitako guztia ez da erraztasun berarekin erabiltzen, izan ere, ikasitakoa barneratzea erabilerari oso lotuta baitago. Beharbada autoa gidatzen txukun samar moldatzen gara, dagoeneko kilometro batzuen batzuk egin ditugulako, baina autoa aparkatzen baldar hutsak gara. Edo gurpila zulatzen bazaigu, gutxitan gertatu zaigulako, trakets ibiliko gara ordezko gurpila aldatzeko. Hizkuntzaren ikasketarekin gauza bera gertatzen zaigu: euskaraz hitz egiten txukun moldatzen gara baina noka edo toka egiteko ez gara ondo moldatzen, oso baldar ikusten dugu gure burua, erabiltzen ez dugulako. «Natzaio», «zeniezadaketen» eta antzeko aditzen erabileran baldar sentitzen gara, oso gutxitan erabiltzen ditugulako. Urrats honetan, ibiliz ikasten da oinez. Autoan ibiliz ikasten da gidatzen, eta euskara ere hitz eginez ikasten da. Praktika etengabeak ekarriko du ikasitakoa erraztasunez eta jariotasunez erabiltzea. 4. Gaitasun inkontzientea: Badakigu baina ohartu gabe egiten dugu. Pentsatu gabe egiteko gai gara. Ohitura bihurtu dugu. Ikasitako guztia orkestra batek bezalatsu egiten dugu, automatikoki eta pentsatu gabe. Ikasitakoa praktikan jartzen dugu modu errepikakor, automatiko eta inkontzientean. 33 urte daramatzat etxetik lanerako joan-etorria bide beretik egiten. Bide bihurri samarra da, bihurgune eta gorabehera handikoa, eta maiz aldatu behar izaten dira martxak. Askotan, beldurtu egiten naiz lanera iritsi naizelako eta ez naizelako jabetu halako tokitatik igaro ere egin naizenik. Nire pentsamenduetan murgilduta egiten dut ibilbide osoa, konturatu ere egin gabe nondik ari naizen igarotzen. Zer behar da ezgaitasun inkontzientetik (1. urratsetik) ezgaitasun kontzientera (2. urratsera) aldatzeko? Kontzientzia hartzea. Eta gaitasun kontzientera (3. urratsera) aldatzeko? Ikastea eta trebatzea. Eta zer behar da gaitasun inkontzientea (4. urratsa) lortzeko? Praktikaren bidez barneratzea eta automatizatzea. Beraz, beharrak, hiztunek euskara komunikaziorako erabiltzeko duten beharrak, mugiarazten du hizkuntzaren gurdia. Horregatik, euskarak komunikaziorako indar txikia daukan hiztunengan Gurdiaren Paradigmaren gurpilak nekez mugituko dira. Gaur egun euskarak dituen hiztun berri askok ez dituzte Gurdiaren Paradigmaren urrats guztiak betetzen; asko eta asko, gehientsuenak, hirugarren urratsean geratzen dira. Hortik aurrera ez egiteak euskaraz komunikatzeko erraztasuna ez lortzea eragiten die eta, azken batean, komunikaziorako euskara ez lehenestea. Hain zuzen ere, euskaraz egiteko erraztasun falta horregatik hiztun aktibo izateari uko egiten diote eta, ezari-ezarian, euskara ez erabiltzearen ondorioz, hiztun pasibo bihurtzen dira. Joxe Manuel Odriozolaren hitzetan (Odriozola, 2016), «hizkuntza baten ezagutza erabileraren mendeko kontua da, ez da prozesu autonomo bat, ez da praxirik gabeko jakite teoriko formal bat. Hizkuntza baten jakite maila erabilera osoak, alegia, orotariko sozializazioak, ez eskolakoak bakarrik, determinatzen du. Hizkuntza baten gaitasun komunikatiboa ez da gaitasun kognitiboa, akademikoa eta formala soilik, sozializazio eta erabilera orokorrari esker lortzen den gaitasun integrala da». Beharra bizilege Euskara biziberritzeko orain arteko paradigmaren tresna nagusia eskola izan den bezalaxe, ziklo berrian, ondorengo urteetan, euskarak heldu beharreko «elefantea» lan munduan dago. Euskarak ezinbestean zabaldu beharreko ziklo berrian euskara gizartearen erdigunean jartzeko giltza izango da lan mundua. Joxe Manuel Odriozolak lan mundua hizkuntzaren transmisioren hirugarren zutabea dela dio. Batetik hizkuntzaren transmisio naturala daukagu: funtzio lokalera eta etnikora mugatzen da bere egitekoa. Bestetik, transmisio kulturala, hizkuntza nazionalaren hezkuntzazko eta hedabidezko funtzio kognitibo eta informatiboak bilduko lituzkeena bere baitan. Hirugarren funtzioa funtzio sozioekonomikoa izendatu du Odriozolak. Hain zuzen ere, hizkuntzaren transmisioa etenik gabeko prozesua dugu, gizakiaren bizitza osoan gertatzen dena, gertuko harreman sareetan duena abiapuntua, eskolan duena jarraipena eta garapena lan munduan lortzen duena. Lanak gizakiaren behar naturalen piramidearen maila guztietan du eragin bete-betekoa: behar fisiologikoak betetzeko, familiari eusteko eta, besteak beste, estatusa, prestigioa eta autoerrealizazioa lortzeko. Gizakia, gizaki denetik, bere oinarri-oinarrizko behar nagusia betetzeko, elikatzeko, beharrean ibili da, dabil eta hala ibili beharko du gizaki den artean ere. Lana izan da gizakien zeregin nagusia historiaren sokan. Berak betetzen zuen bizitzaren ia denbora guztia. Haitzuloetako urrutiko garai haietan, auzokide eta, askotan, elikagai zituen basapiztiek bezalaxe, gizakiek ere bere denboraren zatirik handiena elikagai bila pasatzen zuten. Elefanteaz ari garenez, ba al dakizue elefante batek zenbat denbora behar duen egunean elikatzeko? Elefante batek egunean 16 ordu pasatzen ditu jaten. Izan ere, elefante bakar batek egunean 220 kilo janari sartzen baitu urdailean. Gaur egungo gizarte antolaketan ere, esna egiten dugun denboraren erdia, askotan gehiago, lanean igarotzen dugu. Lana dugu gizakioi bizitzako urte gehien eramaten digun jarduera (40-45 urte). Gainerako izaki bizidunek ez bezala, lana edo beharra gizakiak berezkoa duen jarduera da. Lanaren bitartez gizakia mundura, bere ingurunera, egokitu ahal izan da eta mundua eraldatzeko gaitasuna eta ahalmena garatu ditu. Lanak arrazoian du oinarria, eta gizakiak hori du bereizgarri gainerako piztiengandik. Lana da gure gizarte antolaketaren jarduera garrantzitsuena. Gizarte modernoa, historiaurrekoa bezalaxe, lanaren gainean dago egituratuta. Gaur egungo gizarte aurreratu guztiek lana dute ardatz. Lana eginez lantegien emaitzak lortzen dira, lantegien emaitzekin ekonomia indartu egiten da eta, hain zuzen ere, ekonomiari begira dugu antolatuta gure gaurko mundua. Ekonomiak huts egiten badu, lanak huts egiten badu, gure mundua goitik behera dator, erabateko deskalabrua eraginez. Lanaren garrantzia gaur egungo estatu moderno guztietako legedietan ere aitortzen da, oinarrizko eta funtsezko giza eskubide gisa. Gizakiak berezkoa du lana eta bere izanari, bere gizakitasunari lotuta dago. Gizakiak, duintasunez bizi ahal izateko, lana funtsezko jarduera du. Beraz, gizakiak, bere garapen pertsonalerako, ezinbestekoa du lana edo beharra. Gaur egungo gizartean bizitzako lehen 25 urteak lanera begirakoak ditugu. Haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroan jasotako heziketa eta prestaketa oro lan munduari zuzenduak dira. Lanaren garrantzi soziala ukaezina da, toki bat ematen digu gizartean, baita gizarte maila bat ere. Historiaurrean bezalaxe, gaur egun ere, lana taldeko jarduera da, jarduera soziala. Jarduera soziala den aldetik gizon-emakumeen arteko elkarrekintza etengabea gertatzen da laneko eremuan eta harreman horiek eragin betea dute etxean, familian eta lagunartean. Estatistikoki, lantokia da bikote harreman gehien sortzen den esparrua, baita lagunarteko harreman askoren sorlekua ere. Ez alferrik, esna igarotzen ditugun ordu gehienak lanean igarotzen baititugu buruz buruko harremanetan, bilera, kafe-hartze, bidaia, lan-bazkari eta abarretan. Gaur egun, lan-munduko harremanak pertsonen arteko harreman intimoenetarako eta hurbilekoenetarako zubi izaten dira. Lan harreman horietan sortutako hizkuntza ohiturek eragin betea dute lankideen arteko bikote harremanetan eta, elkarbizitzarako pausoa emanez gero, baita etxeko hizkuntza ohituretan ere. Lan mundua euskalduntzeko dinamika eraginkorra abian jarriz gero, eragin betea izango luke etxetik hurbil dugun kafetegian eta taberna zuloan, janari dendan eta okindegian, kirol-ariketak egiteko gimnasioan edo min hartutakoan hitzordua eskatuko dugun kirol-medikuaren kontsultan. Izan ere, horietan guztietan lanpostuak daude, eta lantoki horietatik herritarrei zerbitzu zuzenak ematen zaizkie. Hain zuzen ere, lan mundua euskalduntzeko dinamika eraginkorra abian jarriz gero, eragin betea izango luke etxetik hurbil, auzoan eta herrian, ditugun zerbitzuetan eta, azken batean, dinamika horrek herritarren gertuko euskarazko harreman sareen trinkotzea ekarriko luke. Azken batean, nola bihurtuko dugu euskara euskaldunez osatutako gizartearen hizkuntza nagusia, lanerako hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean? Estreinakoz Euskaltzaindiaren EUSKERA aldizkariaren 61-2 ikerketa zenbakian argitaratua 2017ko azaroan, 439-460 orr.
LEHENENGO KAPITULU Horrelaxe bada, Sim gure agure beltza Tom Sawyerek eta biok askatu, eta hurrengo udaberrian ginen. Sim katez lotuta zegoen, esklabo izanik, ihes egin zuelako. Silas erretorearen etxaldean zegoen, Arkansasen. Tomen osaba zen Silas. Jelaren erreinua poliki-poliki urtzen ari zen lurrean eta giroan, eta gero eta bertarago genuen zangoak airean ibiltzeko garaia. Geroago amarru bolada iritsiko zen, ondoren txirringena, handik gutxira turutena, eta azkenik uda izango genuen, lasai-lasai igeri egitera joateko. Haurrak geroari begira jarri eta udaldia oso urruti dagoela konturatzen direnean, izugarri aspertzen dira etxean. Hori bai: orduan intzirika eta kopetilun egon ohi dira. Bada zerbait kezkatzen dituena, baina ez dakite zer. Nahigabetu, larritu egiten dira. Eta pentsaketa isiletan pasatzen dute denbora. Horrelakoetan toki bakartiren bat bilatzen dute, baso mugan altxatzen den zuhaitzen bat edo, eta han esertzen dira. Handik behera begiratuz, Mississipi zabalean zehar, milia askotako lurraldeak ikusten dira, ezin zabalagoak. Badira han lurralde erdi ezkutuak, lainopeko baso ilunak. Han daude urruti eta bare, isil, geldi. Gustatu izan zaigun guztia, maite izan dugun guztia hilik dagoela ematen du, desagertu egin dela ematen du; geu hilik edo desagerturik egotea nahi izan bagenu bezala, dena pikutara bidali nahi izan bagenu bezala. Ba al dakizue hori zer den? Udaberriko sukarra, horrela du bere benetako izena. Sukar horrek inor hartzen duenean... zera... behar izaten da... a! Ezin da garbi esan zer behar izaten den. Baina premia horren zorrotza bihotzean min emateraino iristen da. Badirudi derrigor ihes egin behar dela. Ihes egin bai, egunero ikusiz nazkatzeraino aspertu gaituzten gauza guztietatik ihes egin, eta zerbait berri ikusi. Bidaiari bihurtu nahi izaten da, urrutira joan, herrialde ezezagunetara, gauza guztiak ezkutu, zoragarri eta erromantiko dituzten horietara. Horrenbestekorik aurkitu ezin denean, abentura txikiagoekin konformatu behar izaten da, baina alde egin behintzat, eta eskerrak eman alde egin baldin badaiteke. Bueno, bada, Tom Sawyerrek eta biok udaberriko sukarra genuen. Klase txarrekoa gainera. Baina ez pentsa Tomek alde egingo zuenik, bai zera! Berak zioen bezala, bere izeba Pollyk ikastetxea utzi, eta oporretara joateko baimenik emango ez ziolako. Beraz, nahiko kikilduta geunden. Arrats batean, ate nagusiko eskaileretan behin eta berriro betiko leloa dantzatzen ari ginela, izeba Polly irten zen eskutan gutun ba zuela, eta honela hasi zen hizketan: – Tom, zure gauzak bildu eta Arkansasera joan behar duzu, zure izeba Sallyk han behar zaitu eta. Pozak ia leherrarazi ninduen nire larruan. Uste nuen Tom kolpetik altxatu eta izebarengana joango zela besarkada handi bat ematera. Baina nire zintzotasuna dudatan jartzen baduzue ere, Tom geldi-geldi geratu zen, ez zen batere mugitu. Ia negarrak eman zidan, Tom hain zoro portatzen ikustean. Gutxi zen, bada! Dena galtzeko arriskutan geunden, Tomek bere esker ona agertzen ez bazuen. Baina ez, hilda bezala ematen zuen, mugitu gabe, pentsakizun sakonetan. Ni, berriz, estu eta larri, handik alde egiteko su bizi batek hartuta. Azkenik Tomek hitza bota zuen —bere lasaitasunak makilkadaka erasotzeko gogoa ematen zidan—. – Izeba Polly, asko sentitzen dut, baina oraingo honetan barkatu egin beharko nauzula uste dut. Izeba Polly harrituta geratu zen, eta berehala sutan jarri zen, jelazko lotsagabekeria haren aurrean. Gutxien gutxienez minutu erdi bat egon zen hitzik atera ezinda. Nik, bitartean, Tom zirikatzeko astia izan nuen, eta aho petik esan nion: – Burutik eraginda al hago? Horrelako suertea eskaini, eta nola baztertu behar diagu? Tomek, ordea, lehengo lepotik burua. Hortz tartetik erantzun zidan: – Huck Finn, zer nahi duk? Hanka egiteko dudan tirria agerian jartzea, ala? Polita maltzurkeria! Izeba segituan zalantzan hasiko litzateke, eta arrazoiz gainera, eta gaixotasunak, edo arriskuak, edo horrelako eragozpenen bat asmatzen, eta nik baino hobeto dakik azkenean ezetz esango zuela. Hik utzi niri kontu horiek egiten. Ez zitzaidan inoiz horrelako asmakizunik bururatuko. Baina Tom Sawyer zuzen zebilen. Beti zuzen. Beti arrazoiaren jabe. Nere bizitza guztian ikusi dudan bururik argiena zuen. Beti prest egoten zen, edozein estualditan lasai. Une hartan izeba Polly berriro oilartu zen, ia garrasika ari zen esaten: – Barkatu egin beharko zaitudala, orduan? Barkatu egin behar... Ez dut sekula horrelakorik entzun. Modu horretan hitz egiten ausartu niri...! Niri gainera...! Tira, tira... Alde hemendik, eta ospa hire gauzen bila! Eta berriro inoiz barkatzeko esatea gogoratzen bazaizu... lizar makila erakutsiko dizut! Parean pasatzean gogorki jo zuen titareaz buruan, baina Tomen muxinak eskaileretan gora abiatu bezain laster bukatu ziren. Bere goiko gelara iritsitakoan besarkada bat eman zidan, pozez zoratuta, ibilaldi hura egin behar genuelako. Abiatu aurretik damutuko zaio joaten utzi izana —esan zidan— baina orduan oso zaila izango zaio galaraztea; ez du modurik aurkituko. Esan duena esan du, harroa da, eta ez du atzera egingo. Hamar minutu ez zuen egin Tomek, behar zuen guztia biltzeko. Gainerakoa bere izebak eta Maryk prestatuko zioten. Gero beste hamar minutu izeba lasaitzeko, denbora emateko, eta berriro goxo eta atsegingarri agertzeko. Tomek esaten zuenez, izan ere, hamar minutu behar ziren izeba Pollyk lumaje erdia laztua zuenean haren laztasuna uxatu eta gozatzeko; lumaje osoa laztua zuenean, orduan hogei minutu behar izaten omen ziren. Oraingo honetan lumaje osoa zuen laztua. Azkenean behera joan ginen, eskutitzak zer zioen jakiteko kezkatuta geunden eta. Izeba Polly gela ilun batean eserita zegoen. Papera magalean zuen. Gu eseri ginen eta bera hasi zen: – Alderdi hartan ikaragarrizko istiluak omen dira. Huck eta zu lagungarri izango zaretela uste dut, kontsolatuko dituzue. Bai, horretan behintzat lagunduko diezue. Badirudi badutela han auzoko bat; Brace Dunlap omen du izena, eta azkeneko hiru hilabete hauetan Bennyren atzetik omen dabil, ezkontzeko asmoz. Azkenean, argi esan omen diote, ez duela ametsik egin behar eta ahazteko behingoz amets urdin hori. Brace Dunlap, berriz, sumindu egin zaie horrekin. Atsekabetan daude orain horregatik. Nire ustez nahiago dute berriro adiskide bizitzea. Gauzak zuritzeko asmoz haren anaia bat hartu dute etxaldean lan egiteko, baina erabat astakirtena izan behar du. Eta hori, horrelako gastuak ordaintzeko ezinetan dabiltzala, eta gainera Dunlapen anaia ezertarako behar ez dutela. Isildu egin zen apur batez: — Dunlap horiek nor diren? Osaba Silas eta izeba Sallyren etxetik milia bat ingurura bizi dira. Hango nekazari guztiak elkarrengandik milia bat ingurura bizi dira. Brace Dunlap hori gainerako guztiak baino askoz ere aberatsagoa da, eta esklabo beltz sail handi baten jabe da. Alarguna da, hogeita hamasei urte ditu, eta ez du seme alabarik. Harro-harro dago bere aberastasunagatik, eta hango jendeak badio halako beldur pixka bat. Nire ustez, gustatzen zitzaion edozein neska lortuko zuela pentsatuko zuen, eta nahiko mina hartua izan behar du Benny bere etxera eraman ezin izan duelako. Jakina! Bennyk apenas dituen Braceren urteen erdiak ere, eta hura bezain gozorik eta gustukorik ez dago mundu osoan. Bueno, zuk ezagutzen duzu. Osaba Silas, agure gaixoa... lastima da horrelako zurikeriatan ibili beharra... Hain larri ibili, hain behartsua izan, eta Jupiter Dunlap bezalako alfer bati soldata eman behar, horren anaiari gustu egiteko. — A zer izena! ... Jupiter... Nondik atera dute izen hori? — Izengoitia besterik ez da. Bere egiazko izena aspaldi ahaztua dutela uste dut. Hogeita zazpi urte ditu, eta igeri egitera lehendabiziko aldiz joan zenetik jarri zioten izengoitia. Erazten ari zenean, lau erru txikiz inguratutako duro baten tamainako erru bat ikusi zion maisuak ezkerreko belaunaren gainean. Jupiter eta haren lau ilargiak gogorazten ziotela esan zuen maisuak. Barregarria iruditu zitzaien mutikoei, eta harrez gero Jupiter deitzen hasi ziren. Eta Jupiter geratu da. Luzea da bera, narrats, kaiku samarra, diruzalea eta aski beldurtia. Baina mutil ona da. Ile luzea darama eta ez du bizarrik. Xentimo bat ere ez du bere bizitzan irabazi, eta Bracek mantentzen du; arropa zaharrak ematen dizkio eta gutxietsi egiten du. Jupiterrek badu anaia bizki bat. — Eta nolakoa da bizki hori? — Jupiterren antzekoa, berdina, esaten dutenez. Halakoa omen zen behintzat, badira ia zazpi urte inork ikusi ez duela eta. Hemeretzi -hogeiren bat urte zituenean lapurretan hasi zen, eta harrapatu egin zuten. Baina kartzelatik ihes egin zuen, eta badirudi honantz, Iparralderantz etorri zela. Geroztik, bere etxekoek izan zuten zenbait berri, bide eta etxe lapurretan ari zela, baina horiek ere aspaldiko gauzak dira. Honezkero hilik izango da, etxekoek behintzat segurutzat dute hori. Hartaz ez zaie hitzik ere entzuten. — Nola du izena? — Jake. Isil une luze samarra izan zen; pentsakor zegoen izeba zaharra. Berriro hasi zen: — Gizon horrek zure osabari jartzen dion umore txarra da Izeba Sally gehien kezkatzen duena. Tom harritu zen, eta ni ere bai. Tomek erantzun zion: — Umore txarra? Osaba Silasek? Txantxa izango da hori! Ez nekien nik inolako umorerik zuenik. — Bai, zaputzaldi gaitzak izaten omen ditu harengatik, zure izeba Sallyk kontatu didanez. Jupiter benetan makilkadaka dantzatu nahi izango balu bezala ibiltzen omen da batzuetan. — Izeba Polly, horixe da nire bizitzan entzun dudan gauzarik harrigarriena; eztia bezain goxoa da eta! — Bai, baina izeba Sally oso nahigabetuta dabil, hori gauza ziurra da. Zure osaba Silasek aldakuntza handia izan omen du eztabaida haien ondotik. Eta auzokoak marmarrean ari dira aldaketa horiengatik, eta normala da, zure osabaren jokaera kritikatzen dute. Osaba sermolaria da eta bere lana ez da mokoka aritzea. Izebak dionez, osabak gorrotoa dio pulpituari; gorrotoa baino lotsa gehiago, nik uste. Eta jendeak ere hotz -hotz hartzen omen du. Badirudi dagoeneko, osaba ez dela lehen bezain izen onekoa. — Tira, tira. Hau dena ez al zaizue nahiko xelebrea iruditzen? Zuk badakizu ondo, izeba Polly, hura ona izan da beti, maitagarria, alaia, argia eta atsegina. Aingerua ematen zuen-eta! Zer uste duzu gertatzen zaiola? Zer gertatuko ote zaio? BIGARREN KAPITULUA Sekulako zortea izan genuen; txiripaz harrapatu ahal izan genuen Iparraldetik Luisianako ibai txikietara zihoan stemwheler bat (ibaietan ibiltzen den ontzia). Horretan goi Mississipi osoa, eta gero behe Mississipi osoa jaitsi ahal izan genuen Arkansaseko landetaraino, San Luisen ontziz aldatu beharrik izan gabe. Ibilaldi bakar batean mila milia ibiltzeko gutxi falta zitzaigun. Baporean bakardade ederra zegoen. Bidaiari bakar batzuk ginen. Zaharrak ziren gehienak, taldetxotan esertzen ziren guregandik urruti samar; beren kulunkatxoak egin, eta geldi-geldi egoten ziren, txintxo-txintxo. Lau egun behar izan genituen ibai nagusitik irteteko, maiz jotzen baikenuen ibai hondoa. Baina axola gutxi guri... Horrelako gauzek axola gutxi izaten diete gu bezala doazen mutilei. Abiapuntutik bertatik, seguru ginen Tom eta biok ondoko gelan bazela gaixoren bat. Ontzi mutilek norbaitentzako janaria ekartzen zuten hara. Berehala hartu genuen misterio hura argitzeko asmoa. Tom aurreratu zen galdetzera. Ontzi mutilak esan zigunez, bazen han gizon bat, baina bere ustez, ez zuen gaixo antzik. — Baita, baina ez al dago gaixorik? — Ez dakit nik; baliteke egotea, baina itxura egiten ari dela iruditzen zait niri. — Zergatik pentsatzen duzu hori? — Begira... gaixorik balego noiz edo noiz erantziko litzateke. Ez al zaizue iruditzen? Hori, ordea, ez da inoiz erazten; botak behintzat ez ditu inoiz kentzen. — Hori da jakinmina! Eta etzaten denean ere ez? — Ezta. Jaki gozoak aurkitzen genituen beti Tom Sawyerrentzat; ez baita munduan misteriozko gauzak bezalako jaki gozorik. Hari, eta niri ere, aurrean pastel bat eta misterioren bat jarriz gero, ez genuen lanik izango aukeratzeko; berez erabakiko zen. Nire izaeraz, beti ibili naiz pastel bila: Tom, berriz, misterio bila beti. Gizonak oso izate desberdinekoak izaten dira. Hori da onena. Tomek ontzi mutilari galdegin zion: — Nola du izena gizon horrek? — Phillips. — Non ontziratu zen? — Alexandrian, Iowa baino lehenago ontziratu zela uste dut — Zergatik uste duzu itxura egiten zuela? — Ez dakit; ez dut horretan behin ere pentsatu. — Begira pastel bila dabilen bat — pentsatu nuen nirekiko —. — Berezitasunik nabaritzen al zaio bere hitz edo egitetan? — Ez, ezer ere ez; oso beldurtia ematen du, hori bai, eta atea gau eta egun itxita dauka. Eta jotzen denean, harik eta zirrikitutik begiratu eta nork deitzen duen ikusi arte ez du sartzeko baimenik ematen. — Arraioa! Interesgarria da. Pozik botako nioke begiradatxo bat. Aizu, hurrengoan sartu behar duzunean ez al zaizu iruditzen atea bultza nezakeela eta...? — Ez. Inola ere ez! Ate atzean egoten da beti. Ahoa bete hortzekin utziko gintuzke. Tom pentsakor geratu zen. Azkenik erantzun zion: Aizu, zure mantala utzi eta utziko al didazu bihar goizean gosaria eramaten? Ordainduko dizut. Ontzi-mutilak gogo onez onartu zuen, mutil nagusiak eragozpenik jartzen ez bazuen behintzat. Tomek baietz esan zion, mutil nagusiak baimena emango ziola uste zuen eta. Eta horrelaxe gertatu zen. Hain ongi konpondu ginen gainera, ze biok izan baikenuen sartzeko aukera, bakoitzak bere mantala eta janari erretiluarekin. Tomek apenas lorik ere egin zuen, ez baitzuen atsedenik harik eta gela hartan sartu eta Phillipsen misterioa argitu arte. Honetaz susmo pila gaitza asmatu zuen gau osoan. Alferrik izango zen dena; izan ere, gauzak argitu behar direnean, zertarako ibili uste usteletan burua hausten? Nik ez nuen lorik galdu. Ez nuke xentimorik ere emango Phillipsi buruz ezer jakitearren — pentsatu nuen nire golkorako —. Horrela, bada, hurrengo goizean mantalak jantzi biok, janari erretiluak hartu, eta bagoaz. Tomek gelako atea jo zuen. Gure gizonak zirrikitu bat ireki, begiratu, eta sartzen utzi gintuen. Segituan itxi egin zuen atea. Arraioa! Hura ikusita, ia erori egiten zaizkigu erretiluak. Tomek bota zion: — Nola! Jupiter Dunlap! Nondik sortu zara zu? Pentsatzekoa denez, gure gizona aho zabalik geratu zen. Hasieran bazirudien ez zekiela zer egin, izutu, poztu, ala bi gauzak batera, edo ez bata eta ez bestea, baina azkenean poztea erabaki zuen. Orduan berriro etorri zitzaion kolorea, hasieran zuri-zuri geratu baitzen. Ondoren hizketan hasi ginen, berak gosaria eztarritik behera bidaltzen zuen bitartean. — Baina ni ez naiz Jupiter Dunlap — esan zigun —. Oraintxe kontatuko dizuet nor naizen; baina isil-isilik egongo zaretela agindu behar didazue. Ni ez bainaiz Phillips ere. — Isilik gordeko dugu — agindu zion Tomek —; baina zu Jupiter Dunlap ez bazara ez duzu nor zaren esan beharrik. — Zergatik? — Jupiter ez bazara, beste bizkia, Jake, zarelako. Jupiterren irudi berbera zara eta. — Egia, ni Jake naiz. Baina esan esaidazu. Nola ezagutzen gaituzu Dunlaptarrak? Tomek aurreko udan bere osaba Silasen etxean gertatu zitzaizkigun abenturak kontatu zizkion. Eta Jakek, bere etxekoen berri guztiak zehatz-mehatz genekizkiela ikusi zuenean, konfiantza hartu zuen, eta libre eta xaloki mintzatu zitzaigun. Ez zen berari buruz gu engainatzen ahalegindu. Oso zorte txarra izan zuela esan zigun, eta oraindik ere txarra zuela. Esaten zigunez, azkeneraino zorte txarra izango zuela uste zuen. Esan zigunez, oso bizimodu arriskutsua zeraman, eta... Orroa antzeko bat bota zuen eta burua makurtu zuen besteari entzun nahietan dagoenaren antzera. Guk ez genuen hitzik esan, eta segundo pare batez isilik geratu ginen denok. Bitartean zurajearen karraska eta azpiko makinariaren burrunba besterik ez zen entzuten. Gero kontsolatzen hasi ginen; bere jendea aipatu genion, Braceren emaztea jadanik hiru urte zirela hil zela, Bracek Bennyrekin ezkondu nahi izan zuela eta neskak ezezkoa eman ziola, Jupiter osaba Silasen etxean ari zela lanean, Jupiterrek eta osaba Silasek etengabeko errietak zituztela elkarrekin. Horrelako berriak entzutean algara batean hasi zen barrez, bere buruari eutsi ezinik. — Arranopola! — esan zuen —, esamesa guzti horiek entzunda, beste garai batzuez gogoratzen naiz; gaztetu egin naiz. Zazpi urte eta gehiago ere badira agian esamesarik entzuten ez nuela. Zer diote orain niri buruz? — Nortzuk? — Kolonoek... eta sendiek. — Oh, zutaz ez dute inoiz hitz egiten. Nik behintzat zutaz gorespenak besterik ez diet entzun, oso aspaldi. — Deabrua! — egin zuen oihu harriturik — Nola liteke hori? — Aspalditik hilda zaudela uste dutelako. — Zer? Egia da hori? Dagoeneko gorespenak eginez? —egin zuen oihu su bizitan, salto batez zutik jarrita—. — Gorespenak, bai. Bizirik zaudenik ez du inork uste. — Hortaz, salbaturik nago, ez da zalantzarik, salbatuta nago! Etxera itzuliko naiz. Hantxe ezkutatuko naute eta bizitza salbu izango dut. Zuek ondo gordeko duzue sekretua. Agindu isilik egongo zaretela... zin egin iezadazue ez duzuela inoiz eta inon nitaz hitzik aterako. A, mutilak, erruki izan gau eta egun jazartzen duten gizagaixo honetaz, inork ikusiko ote duen beldurrez dabilen gizagaixo honetaz. Ez dizuet inolako kalterik egin, ez dizuet inoiz egingo, nire hitza ematen dizuet. Agindu iezadazue lagunduko didazuela. Zakurra balitz ere aginduko geniokeen guk hori; zin egin genion, beraz. Gizajo arloteak ez zekien nola eskertu. Bere buruari eutsi eta musukatu ez gintzan ahalegin izugarriak egin behar izan zituen. Hizketan jarraitu genuen. Jakek maletatxo bat atera eta irekitzen hasi zen, eta buelta emateko eskatu zigun. Horrela egin genuen, eta berriro bueltatzeko esan zigunean, Jakek ez zuen lehengo gizonaren antzik ere. Betaurreko urdinak zituen, bibotea beltza eta masaileko bizarrak luze ilunak — nire bizitzan ikusi dudan ondoen imitatutako ilea. Bere amak ere ez zuen ezagutuko. Orduan bere anaiaren antzik ba ote zuen galdetu zigun. — Ez — erantzun zion Tomek —. Ez duzu haren antzik inondik ere, ile luzea izan ezik. — Ederki. Hara iritsi aurretik motz-motz egingo dut. Horrela, berak eta Bracek nire sekretu hau gorde, eta kanpotarra banintz bezala biziko naiz haiekin, eta auzokoek ez dute ezeren susmorik hartuko. Zer iruditzen zaizue? Tom pentsakor isildu zen unetxo batez, eta gero berriro hasi zen: — Horra, bada, esan beharrik ere ez dago, Huck eta biok gordeko dugu, basi, sekretua, baina zu isiltzen ez bazara, arrisku pixka bat izango da noski, eta... Asko ez, beharbada, baina pixka bat bai. Garbi esango dizut: zu hizketan hasten bazara, jendeak suma dezake zure ahotsa Jupiterraren berdina dela. Eta horrek bidea emango die, agian, beste bizkia, hila uste zutena, baina denbora horretan guztian beste izen batekin gordeta egon izan litekeena gogoratzeko. — Arraioa! — esan zuen. Izugarri bizkorra zara. Arrazoia duzu. Gor mutuarena egingo dut inguruan auzokoren bat denean. Horixe bai, ondo ginen xehetasuntxo hori ahaztuta etxeratu izan banintz...! Hala ere, banenbilen ni jazartzen nauten alproja horiengandik libratzeko bazterren baten bila. Mozorro hau jantzi, bestelako janzkeraren bat hartu behar nuen eta... Jauzi bat egin zuen ate aldera, belarria hartan jarri eta adi-adi geratu zen, zur-zuri eginda, arnasestuka bezala. Gero isilpean esan zuen: — Eskopeta prestatzeko soinua ematen zuen, oh , Jaungoiko maitea. Hauxe da, bada, bizitza tristea! Ondoren aulki batean eseri zen, hilda bezala, baldartuta, ezereztuta, eta aurpegiko izerdia lehortu zuen. HIRUGARREN KAPITULUA Geroztik berarekin egon ginen ia denbora guztian, eta, bat ez bazen bestea, geratzen ginen lotara, bere gainean zegoen ohean. Bakardade osoan bizi izan zela azaldu zigun, eta lagunak izateak asko kontsolatzen zuela; zorte handia zela beretzat inorekin mintzatzea. Jakingura izugarria genuen bere sekretuaren berri jakiteko, baina Tomek esaten zuenez, gure gogoak ez adieraztea zen onena; era honetan hizketaldiren batean ziur esango zigula-eta. Galdezka hasi izan bagina, izan ere, errezeloa hartuko zuen, eta barraskiloa bezala bere oskolean sartuko zen. Eta, horrela, Tomek esan bezala gertatu zen. Jakek bere arazoaz hitz egiteko gogoa zuela ez zen asmatzen zaila. Baina hasieran kikildu egiten zen bere sekretua mingain puntan hazkuraka hasten zitzaionean. Begira nola iritsi zen guztia lasai-lasai esatera: baporearen gainean ziren bidaiariez galde eta galde hasi zen, axolarik ez balio bezala. Garbi eman genion guztien berri, baina ez zen asetzen. Behar hainbat xehetasun ez genion, nonbait, ematen. Bidaiarien ezaugarriak hobeto azaltzeko eskatu zigun. Bai Tomek egin ere. Azkenik, Tom arlote zarpatsuena nolakoa zen esaten ari zenean, gure gizona dardarka hasi zen, eta arnasarik gabe hitz hauek bota zituen: — 0, Jaungoiko maitea! Beraietako bat da... Pentsatzen nuen nik, bai! Ontzian bertan ditut! Libratuko nintzela uste nuen, baina beldur nien, bai. Segi azzaltzen. Geroxeago, Tom beste ziztrin baten berri ematen ari zela, berriro hasi zen ikaraz. — Hori da! Horra bestea! Ekaitz gau on bat bagenu behintzat... Orduan ezkutuka lehorrera iritsiko nintzateke!, ikusten duzue. Espioiak jarri dizkidate. Hor goiko ardandegian edariak erostea lortuko zuten, eta aukera horrekin norbait erosi ahal izatea egokituko zitzaien, mutilen bat, morroiren bat, nornahi... nire ikuska eta zelatan nire atzetik ibiltzeko. Hondartzara inork ikusi gabe iritsiko banintz ere, ordubete baino lehen dena jakingo lukete. — Beraz — jarraitu zuen —, tokiz aldatuz eta oso kontuz ibili beharko nuke. Milaka dudatan jardun zuen gorabehera haietan nahastuta hitz egiten ari zen bitartean. Baina abiatuta zegoenez zuzen-zuzen esan zigun: — Berebiziko lapurreta izan zen. San Luisko bitxitegi batean jo genuen. Ba al dakizue zer bilatzen genuen? Diamante mardul pare bikain bat, hurrak bezain potoloak. Mundu guztia joaten zen haiek ikustera. Dotore jantzi ginen, eta egun argiz eskuratu genituen. Bi diamanteak hotelera bidaltzeko esan genien, erostea komeni ote zitzaigun kalkulatzeko. Eta aztertzen ari ginen bitartean, faltsuak utzi genituen, eta hamabi mila dolar ordaintzeko bezain garden eta finak ez zirela esan genienean, jakina, faltsuak eraman zituzten bitxitegira. — Hamabi... mila... dolar! — esan zuen Tomek Eta diru pila hori dena balio zutela uste al duzu? — Ezta xentimo bat ere gutxiago. — Eta zure lagunek diamanteak hartu eta hanka egin al zuten? — Pozik eta lasai asko gainera. Ez dut uste oraindik ere bitxitegian lapurtu egin genituela dakitenik. Baina, konturatuko zarete, San Luisen geratzea ez zen oso zuzena. Beraz, nora joan pentsatu genuen. Batek alde batera joateko esaten zuen, besteak, berriz, bestera. Azkenean zotzetara egin genuen eta Goi Mississipik irabazi zuen. Diamanteak paper batean bildu eta gainean gure izenak idatzi genituen, eta hoteleko enplegatu bati utzi genizkion zaindu zitzan; gainera, hirurak batera ez baginen gutako inori ez emateko agindu genion. Ondoren hirian behera joan ginen, bakoitza bere aldetik, eta badut susmoa denok asmo bera genuela; ez dakit ziur baina denok asmo bera genuela iruditzen zait. — Zein asmo gero? — Besteei lapurtzea. — Nola? Lortzekoan denak saiatu ondoren dena batek eramatea? — Horixe. Horrek atsekabetu zuen Tom. Jokabiderik zatarrena eta alprojena zela esaten zuen, sekula entzunda zuen zikinena. Jake Dunlapek, ordea, bizimodu hartan ohiko jokabidea zela erantzun zion. Esaten zuenez, horrelako bizimodutan sartzen diren pertsonek nahitanahiez bakoitzak bere aldera jokatu behar du, ez baitio beste inork lagunduko: — Badakizue, bi diamanteak hiruren artean banatu ezin izatea zen kakoa... Baina ez dago horretan pentsatu beharrik, ez baitziren hiru. Kale bazterretan zehar ibili nintzen, pentsatu eta pentsatu, jo eta ke. Eta nirekiko pentsatzen nuen: “Diamanteak lehenbailehen, aukera on bat izan bezain laster eskuratuko ditut, eta mozorrozko jantzi bat prestatuko dut. Ondoren, adiskide guztien ingurutik alde egin eta, seguru nagoenean, mozorroa jantziko dut, eta orduan aurki nazatela ahal badute.” Horretarako, gezurrezko bizarrak, betaurrekoak eta nekazari jantziak erosi nituen, eta dena maleta txikitxo batean sartu nuen. Mota guztietako gauzak saltzen dituzten denda horietako baten aurretik pasatzen ari nintzen batean, horra non ikusten dudan nire lagunetako bat, Bud Dixon. Poztu nintzen eta goikorako pentsatu nuen, “ea zer erosten duen”. Kuzkurtu eta ezkututik begira hasi nintzen. Zer uste duzue erosi zuela? — Bizarrak — esan nion nik —. — Ez. — Betaurrekoak? — Ezta. — Hago isilik, Huck Finn, ahal ba duk, ez duk asmatuko eta. Zer zen hark erosi zuena, Jake? — Gutxien uste duzuena. Destorlojugailu bat besterik ez: destorlojugailu txiki-txiki bat. — Eta zertarako behar zuen hori? Nik ez dakit. — Horixe gertatu zitzaidan niri ere. Harritzekoa zen. Ametsetan bezala nengoen. “Zertarako ote du horrelako tresnatxoa”, pentsatu nuen nirekiko, eta gero, handik irten zenean, ezkutuka jarraitu nion berriro atzetik. Jantzi zaharreko denda batera sartu zen. Franelazko alkandora gorri bat eta zarpail puskatu batzuek erosi zituen han, oraintxe jantzita dauzkanak, hain zuzen, zuek esan didazuenez. Gero kalera jaitsi nintzen, eta gero nire gauzak ontzian ezkutatu nituen, ibai gora joateko hartu genuen hartan bertan. Berriro lehorrera itzuli nintzen eta suerte oneko abentura bat gertatu zitzaidan. Beste laguna ikusi nuen, jantzi zaharreko denda batean sartzen ari zela hura ere. Gero hirurok diamanteen bila joan ginen, eta jasotakoan barkura itzuli ginen. “Zakur gau madarikatu bat igaro genuen, ezin baikenuen ohera joan. Esna egon behar genuen, eta elkarren zelatan. Hiruron artean horrelako lotura izatea benetako mina, penagarria izan zen; izan ere, azkeneko aste parean elkarrekin oso erretxinduta geunden, eta diru kontutan, lapurreta kontutan bakarrik ginen elkarren lagun. Eta okerrena zena, hirurontzat bi diamante besterik ez genuela. Lehendabizi afaldu egin genuen, gero baporearen gainaldean gora eta behera ibili ginen gauerdi pasatxora arte, erre eta erre, geratu gabe. Ondoren nire gelara jaitsi ginen esertzera. Ateak itxi eta paper zatia zabaldu genuen, ea diamanteak bertan ziren ikusteko. Beheko ohe gainean jarri genuen, hiruron bistan. Eta han geratu ginen, logaleari eusteko gauza izan ez ginen arte. Lehendabizikoa Bud Dixon errenditu zen. Zurrunka batean hasi zen. Bazirudien soinu hark luzaro iraun behar zuela. Burua bular aldera erori zitzaionean, Hal Claytonek diamanteei begiratu zien, eta gero ateari. Berehala konturatu nintzen. Eskua luzatu nuen, papera hartu, eta biok zutitu egin ginen. Apur batean zain geratu ginen, hotsik atera gabe. Budek ez zuen ikararik ere egin. Kanporako atearen giltzari buelta eman nion, oso leun eta astiro. Krisketei atzeratu, kontuz, eta bagoaz biok inolako hotsik gabe, atea arreta handiz itxi ondoren. “Ez zen ezertxo ere mugitzen. Ontzia leun eta dotore irristatzen zen ibai zabalean barrena, ilargiaren argi apaletan. Ez genuen hitzik ere esan, baina zuzen-zuzen joan ginen zubi artera, eta txopara begira eseri ginen argi zuloaren ertzean. Ondo genekien biok zer gertatuko zen; ez genuen ezer adierazi beharrik. Bud Dixon esnatu eta diamanterik ez zegoela ikustean zuzen-zuzen etorriko zen guregana, gizon horrek ez baita ezer eta inoren beldur. Etorriko zen, eta orduan kareletik behera botako genuen guk, edo borrokan hilko genuen elkar. Hori pentsatzeak dardara sortu zidan, ni ez bainaiz beste batzuk bezain kementsua. Baina beldurti agertzen banintz... A, ez, hori inola ere ez. Hori dena baino burutsuagoa nintzen. Ontzia nonbait lehorrera hurbil zedin irrika bizitan nengoen. Orduan lehorrera salto egingo genuen, eta borroka arrisku gutxiago izango genuen. Beldur izugarria nion nik Bud Dixoni. Baina tamalez, ez zuen ematen horrelako zoririk izan behar nuenik. “Denbora bazihoan, denbora luzea, eta nire gizona agertzen ez. Ederki kostata, baina egunsentia ere bazetorren, eta Dixon ez zela azaltzen. Mila arraio! —esan nuen — ez al da kezkatzekoa? “Deabrua — esan zidan Halek —. Adarra jotzen ari dela uste al duzu? Ireki papera!”. Ireki nuen, ireki, eta azukre kozkor pare bat besterik ez nuen! Horregatik zegoen hain lasai eserita, lo zurrunka batean. Harritu egiten al zarete? Iruditzen zitzaidan bai niri. Hark bi paperak zituen gertu, eta gure sudurren punta puntan aldatu zizkigun. “Lur jota geratu ginen. Baina beste ezeren aurretik plan bat prestatu behar genuen, eta horixe egin genuen. Papera lehen zegoen bezalaxe tolestu berriro, maltzur- maltzur sartu gelan, eta ohe gainean utziko genuen berriro, tranpaz ez ginela konturatu itxura egin, Dixonek bere zurrunka zaratatsu haiekin ziria sartu nahi izan zigunik ez bageneki bezala. Ez genuen bistatik galduko, eta lehorrean igaro behar genuen lehenengo gauean mozkortu egingo genuen, goitik behera miatu eta diamanteak kendu. Gainera, astindu eder bat emango genion, nahiz eta horrekin arriskutan sartu. Baina hari lapurtuz gero, ez genuen astindu beste erremediorik, bestela berak jazarriko gintuen eta, guri beste horrenbeste egiteko. Baina nik ez nuen itxaropenik. Banekien hura mozkortzea erraza izango zela — prest egoten baitzen beti horretarako —; baina zertarako balioko zigun horrek? Hura miatzen urtebete igaro arren, onenean ez genioke ezer aurkituko… “Hala ere, une hartan itxaropen pixka bat hartu nuen, eta lehengo pentsamendu beltzak baztertu. Buruhauste galanta eman baitzidan gogora etorri berri zitzaidan asmo batek. Buruhaustea eta poz mardula ere bai. Botarik gabe nengoen, oin handituak baretzeko. Bota bat hartu nuen berriro jazteko, eta takoia ikustean arnasarik gabe geratu nintzen. Oroitzen al zarete hain txunditurik utzi ninduen bihurkin hartaz? — Bai — esan zuen Tomek, zirrara batek ematen ziola —. — Entzun ongi. Bada, takoia ikusi nuenean zera bururatu zitzaidan, ba nekiela nik diamanteak non zeuden. Ikusten duzue, takoiak altzairuzko txapatxo bat darama torlojuz josita. Bada, gizon hark botatako torlojuak besterik ez zuen; beraz, bihurkina zertarako zuen ez da zaila asmatzen. — Harrigarria duk, Huck — esan zidan Tomek. — Entzun, bada. Jantzi nituen botak, eta biak behera jaitsi ginen. Azukre papertxoa ohe gainean utzi eta eseri egin ginen, batere zaratarik atera gabe. Bud Dixon zurrunka baten zegoen oraindik. Hal Clayton ere, asko luza baino lehen lotan zen. Ni ez, ordea. Nire bizitza guztian ez naiz sekula une haietan bezain erne egon. Nire txanoaren hegalpetik zelatan ari nintzen, azpialde guztia ikusten nuen; ondo begiratzen nuen ea oin zolaren puskarik ikusten nuen. Asko kosta zitzaidan, eta ia alferrik nenbilela pentsatzen hasi nintzen. Baina azkenean ikusi nuen bila nenbilena; lurrean zegoen, bazter batean, eta ia zoruaren kolore berekoa zen. Zatitxo borobil bat zen, behatz txikiko azkazala baino gehiago ez. “Hortxe zegok diamantea”, pentsatu nuen. Geroxeago haren berdin bat bilatu nuen. “Pentsa ezazue gaizkile haren azkartasuna eta odol hotza! Bera izan zen lapurreta arriskua lehenengo aipatu ziguna, eta plan guztia egin zuena. Eta gu buru-belarri sartu ginen putzuan, eta hark esandako guzti-guztia egin genuen, artaburu pare bat bezala. Gero aukera on bat bilatu zuen takoien txapak askatu, zola ebaki, diamanteak sartu eta berriro josteko. Eta lasai-lasai utzi zuen guk gezurrezko lapurreta egin geniezaion, eta gau guztia bera uretara botatzeko zain gera gintezen. Ederki asmatu zuela iruditzen zait”. — Hortaz seguru egon — esan zion Tom Sawyerrek harriduraz beterik. LAUGARREN KAPITULUA “Gauzak horrela, egun osoan elkarren zelatan egon ginen, eta garbi esango dizuet, gu biontzat ez zen gauza erraza izan. Iluntzean Iowa inguruan dagoen Missouriko herrixka horietako batean lehorreratu ginen. Ardandegi batean afaldu eta hirugarren solairuko gela batean hartu genuen ostatu. Ohe zabal bat eta ohe txiki bat zituen. Lotarako garaian, barruko korridore ilun batetik pasa ginen. Elkarren ondotik gindoazen. Ostalaria aurretik, eskuan kandela bat zuela, eta azkenekoa ni. Nire maletatxoa korridoreko pinuzko mahai baten azpian gorde nuen, eta hirurak gelan sartu ginen. Whisky botila bat jaso ziguten, eta jokoan hasi ginen. Budek nahiko whisky edan zuenean, beste biok ez genuen gehiago edan, baina berari ez genion gelditzen utzi. Aulkitik erori eta zurrunka hasi arte edanarazi genion. Orduan gure lanari ekin genion. Onena gure botak erantzi eta Budi ere eraztea zela esan nion Hali, zaratarik ez ateratzeko. Horrela beldurrik gabe ukitu, miatu eta astinduko genuen. Horrela egin genuen. Buden botak eta nireak elkarren ondoan jarri nituen, eskura edukitzeko. Gero Bud erantzi eta sakelak, josturak, galtzerdiak, bota forruak, eta gainontzeko guztiak miatu eta aztertu genizkion, eta arropa fardoa ere bai. Baina ez genuen diamante itxurako ezer aurkitu. Bihurkina aurkitu genuenean, Halek honela esan zuen: “Zer arraiotarako ote du hau?” Nik ez nekiela erantzun nion. Baina niri begira ez zegoen batean sakelan gorde nuen. Azkenean, Halek errendituta eta kemenik gabe zegoela zirudien, eta gehiago ez zuela bilatu nahi esan zidan. Huraxe zen ni itxaroten nengoena. Orduan honela esan nion: — Bada toki bat begiratu ez dioguna. Non — esan zidan —. — Urdaila. — Arraioa! Ez naiz konturatu. Oraintxe bai erdi erdian asmatu dugula, seguru. Zer egingo dugu? — Ikusiko dugu — esan nion —. Gera zaitez bere ondoan ni droga denda batera noan bitartean. Zerbait aurkituko dudala uste dut, diamante horiek dauden zoko beltzetik ateratzeko. Azkarra nintzela esan zidan, eta bere aurre-aurrean nireak jantzi ordez Buden botak jantzi nituen, baina bera ez zen konturatu. Bota haiek handitxoak nituen, baina askoz ere okerragoa izango zen estuegiak izango banitu. Korridoretik zehar itsumustu batean irten nuen, maletatxoa hartu, eta minutu erdi baino lehen ibaian gora nintzen ihesi, orduko bost miliako abiadan. Eta ez zitzaidan oso desegokia iruditzen, egia esan, diamante gainean ibiltzea. Abiatu eta bost minutu baino lehen, milia batez alde egin nuela esan nion nire buruari, eta oraindik dena lasai egongo zela. Bost minutu gehiago, eta atzetik nahiko tarte utzi nuela pentsatu nuen, nahiz eta gure gelan geratutako gizonak laster hasiko ziren kabalatan ea zer gertatu ote zitzaidan. Beste bost, eta Hal gelan bueltaka ikusten nuen kezkaz beterik. Beste bost, eta milia eta erdi tarte banuela, eta Hal erabat kezkatuta zegoela; biraoka hasita izango zen honezkero. Geroxeago (berrogei minutu izango ziren honezkero): “Dagoeneko badaki ziria sartu diodala”. Berrogeita hamar minutu... Orain, — pentsatu nuen — egia ulertzen hasi da. Miaketan diamanteak aurkitu eta, hitzik esan gabe, sakelan sartu ditudala usteko du... Bai, eta kanpora doa nire bila. Hautsetan aztarren berriak aurkitu nahi ditu, baina horiek ibai gora eta ibai behera doaz. Baina orduantxe gizon bat mando baten gainean aldapan behera ikusi nuen, eta tximista baino azkarrago kuzkurtu eta ezkutatu egin nintzen. Kaikukeria galanta egin nuen! Nire aldera iritsi zenean, gelditu egin zen, eta apur batez ni irten zain geratu zen; gero berriro abiatu zen. Baina geroztik ez nintzen lasai. Hark Clayton aurkitzen bazuen, ni horrela ezkutatuz eta iheska ikustean galdu egin nuela pentsatu nuen. Dena dela, goizeko hirurak aldera, Alexandria aldean nintzen nire hezur zahar eta guzti. Han stemwheler hau ikusi nuenean poz galanta hartu nuen, ulertuko duzuenez, nire burua salbatua bainuen. Egunsentia zen. Ontzira igo, eta gela hau eman zidaten. Erropa hau jantzi eta pilotuaren gelatxora igo nintzen, dena ikusteko, nahiz eta hori beharrezkoa zenik ez uste. Eserita nengoen, eta egonaren egonez, diamanteekin jostatzen hasi nintzen. Baporeak noiz alde egingo zuen zain nengoen. Baina baporea ez zen mugitzen. Makinaria konpontzen ari ziren. Baina nik jakin ez, ezbainaiz ontzi gauzetan oso ikasia. Hitz gutxitan, baporea ez zela ilundu arte atera. Baina irten baino askoz ere lehenagotik, ni gela honetan ezkutatuta nengoen; izan ere gosaldu aurretik, Claytonen ibilera zuen gizon bat ikusi nuen urrutitik, eta segituan pentsatu nuen: “Ontzi honetan sagua tranpan bezala harrapatuko nau. Zelatan eta zain egongo da... ni lehorrera jaitsi zain. Gero jazarriko nau beretzako toki egokiren bateraino, eta diamanteak kendu... eta gero...” Ah, banekien nik zer egingo nuen horrelako batean. Ez nuen etorkizun ona, ez da? Eta bistan da, bestea ere baporean dago. Ez al da hau zakur batentzako zortea? Zuek, ordea, lagunduko didazue salbatzen, ezta? Ai, mutilak! Erruki izan ezazue heriotza arriskutan dagoen gizagaixo honetaz, eta salba nazazue... muin emango diot nik gero zuek zapaltzen duzuen lurrari!” Mintzatzeko txanda iritsi zitzaigun. Lasaitu genuen nolabait, salbatzeko moduren bat aurkituko genuela-eta, eta beldurrik ez izateko. Zerbait baretu zen, eta takoietako txapak askatuaz, alde guztietatik erakutsi zizkigun bere diamanteak. Argiak jotzen zituenean oso ederrak ziren, sutan zeudela eta alde guztietatik garrak botatzen zituztela ematen zuten. Baina edozein modutara ere, gizon hura astakirtena galanta zela iruditu zitzaidan. Nik bere ordez, diamanteak lagunei emango nizkieke, eta lehorrera bidaliko nituzke, ni bakean uzteko. Baina hura bestelakoa zen. Aberastasun handia omen ziren, eta nik esan niona egitea zaila zela, esan zuen. Bi bider gelditu ginen makinaria konpontzeko. Eta luzaro egon ginen mugitu gabe. Geldialdi hauetako bat gauez izan zen, baina ez zen hain iluna, eta Jake beldur zen lehorrera jauzi egiteko. Baina hirugarren geldialdian aukera hobea izan genuen. Basoko ontziola batean gelditu ginen; gaueko ordu bata pasatxo zen, eta osaba Silasen etxetik berrogei milia gora geunden. Zerua gero eta ilunago zen, eta ekaitza ere ez zen urruti; Jakek ospa egiteko ordua iritsi zitzaiola erabaki zuen. Handik gutxira zaparrada latza egin zuen, eta haizeak izugarrizko indarra hartu zuen. Marinelak buruan jutezko zakuak zituztela zebiltzan. Jakerentzat horrelako bat lortu genuen eta txopa aldera joan zen bere maletatxoarekin, gainerakoek bezala aurrera jo zuen, eta lehorrera jauzi egin zuen. Zuzien argia atzean utzi eta ilunpetan mugitzen ikusi genuenean, pozik sentitu ginen. Poz laburra izan genuen, ordea. Handik zortzi hamar minutura beste biak korrika azaldu ziren, eta tximista bezala lehorrera salto eginez, ilunpetan desagertu ziren. Eguna argitu arte itxaron genuen itzultzen ote ziren, horren itxaropena baikenuen, baina alferrik; nahigabetuta eta adoregabetuta sentitu ginen ikaragarri. Jakek korrika egin eta besteek ezingo zutela harrapatu, genuen itxaropen bakarra; bere anaiaren etxera onik iritsiko zela, eta han ezkutatu eta seguru biziko zela. Jakek ibai ertzetik abiatzeko asmoa zuen, eta Brace eta Jupiter etxean zeuden eta han beste inor ote zen begiratzeko, eta ilunabarrean bere bila ateratzeko, eskatu zigun, dena jakiteko. Sikomoro basotxo batean itxarongo zigula esan zigun. Baso hori osaba Silasek ibai ertzean zuen tabako soroaren atzean zegoela, eta oso alderdi bakartia zela. Luze mintzatu ginen Jakek salbatzeko zituen aukeraz. Tomek esaten zuenez, haren bi lagunak ibai gora abiatu balira, izugarrizko zortea zen. Baina nekez joango ziren gora aldera, ondotxo baitzekiten Jake nongoa zen. Errazagoa zen bide zuzenena hartu, eta egun guztian, berak sumatu gabe, jazartzea, eta arratsean hiltzea ere, gero botak kentzeko. Beraz, oso larriturik geunden. BOSGARREN KAPITULUA Biharamun eguerdira arte ez zuten makinaria konpondu. Horregatik, etxera iritsi orduko iluntzen ari zuen eta ez ginen bidean gelditu, eta sikomoro basotxo aldera joan ginen presaka. Jakeri berandu zergatik gentozen esan nahi genion, eta geratzeko bertan itxaroten, Braceren etxera joan eta han gauzak nola zeuden jakin arte. Ia gaua zen izerditan eta neka-neka eginda iritsi ginenean. Basabikondoak aurrean genituen. Eta orduantxe konturatu ginen basotxoan bi gizon sartu zirela korrika, eta “laguntza niri” oihu lazgarri batzuk entzun genituen. “Seguru Jake gaixoa garbitu dutela” — esan genion elkarri —. Hain ikaratuta geunden, ze korrika ihes egin genuen tabako soro aldera, eta hantxe ezkutatu ginen. Makurtu ginen unean, bi gizon oihuka iritsi ziren eta basotxoan sartu. Handik apenas segundo batera lau gizon atera ziren, eta bidean barrena abiatuta, haietako bi besteen atzetik, eta lauak korrika bizian. Lurrean etzan ginen, kemenik gabe eta beldurrez beterik, eta adi-adi geratu ginen ea korrika-saio gehiagorik ikusten genuen. Baina luzaroan gure bihotzaren taupadak besterik ez genuen entzun. Basabiondoek gertakari izugarri hura ikusteko aukera zuten. Mamu artean geundela ematen zuen. Hotzikara gaitzak sentitzen nituen. Honetan, ilargi handi zuri zuria azaldu zen arboladiaren gainean. Gure inguruan itzal beltzak mugitzen hasi ziren. Bat batean Tomek belarrira esan zidan: — Begira; zer da hura? — Tira, gizona — esan nion —, ez ezak jendea horrela izutu! Ikaraz hiltzeko zorian horrelako tontokerietan nahastu gabe ere eta. — Begira; berriro esaten diat. Basabiondoetatik zerbait zetorrek. — Jaungoiko arren, Tom! — Izugarri altua da! — Oh, Jauna, Jauna. Babes gaitzazu... — Ixo! Bazetorrek honantz... Dardaraz zegoen Tom. Arnasarik gabe. Zurrumurru bat zen haren hizketa. Begiratu behar izan nuen. Gauza hura bidetik behera zihoan... Zuhaitzen itzalak ezkutatzen zuen. Ezin guk garbi ikusi. Ilargiak jo zuenean are gehiago kuzkurtu ginen. Jake Dunlapen mamua zen. Horixe esan genion elkarri. Minutu pare batez geldi egon ginen; mugitzeko ahalmena gero etorri zitzaigun. Ordurako joana zen. Hizketan hasi ginen, oso baxu, eta Tomek honela zioen: — Mamuak guztiz nahastu eta ketsuak izan ohi dituk, lainoz eginak bezala. Baina hau ez huen tankera horrelakoa. — Ez — esan nion —. Horren betaurrekoak eta masailetako bizarrak argi ikusi ditut nik. — Bai, eta nekazari dotoretuaren bere jantzi horiek ere bai ... eta arrasto berde eta beltzezko galtzak ere bai... — Panazko txalekoa ere bai, bere lasto koloreko koadro eta guzti. — Ederra kapelua mamu batentzat! Pentsa lehenengo urtea zela kapelu mota hura erabiltzen zela; tximinia tutu bat, beltza, hegalduna, oso altua, tontor borobilekoa... azukre opil baten modukoa. — Ohartu al haiz bere ilea berdina zen, Huck? — Ez, baietz iruditzen zaidak, baina kontrakoa ere iruditzen zaidak. — Niri ez bata eta ez bestea ez zaidak iruditzen. Baina konturatuko hintzen maletatxoa bazeramala. — Bai, hori bai. Mamu baten maletatxoa! Nola sartu buruan hori? — Zer ari haiz esaten? Ni hire tokian, Huck Finn, pixka bat esnatzen saiatuko nintzateke. Mamu batek daraman guztia fantastikoa bihurtzen da. Beren ondasunei eusten diete, biziek bezala. Ikusi duk. Bere jantziak fantastikoak bihurtu dira. Hortaz, zergatik bere maletatxoa ere fantastikoa ez bilakatu? Jakina, horrela izan da. Arrazoia zentzuzkoa zen. Ezin ezetz esan. Bitartean, gure aspaldiko bi lagun pasa ziren handik berriketan, guk entzuteko moduan, Billy Withers eta bere anaia Jack: — Barrenean zer uste duk zuela? — esan zuen Jackek—. — Ez zekiat. Dena dela, astuna zuan. — Bai; eramateko moldea zian guztia; Silas agureari beltzak garia lapurtzen ziola uste nian. — Nik ere bai. Horregatik pentsatu diat onena ez ikustearena egitea zela. Biek barre egin eta alde egin zuten, eta guk ez entzuteko moduan jarri ziren. Hizketaldi hark garbi erakusten zuen ordurako osaba Silas gaixoa zein gaizki ikusia zegoen. Ez zukeen inork inoiz beltza garia lapurtzen harrapatu eta zigorrik gabe utziko. Haien marmarretik beste hitz batzuk iritsi zitzaizkigun, eta haiek argiagoak ziren oraindik. Noizbehinka algararen bat edo beste entzuten zen. Lem Beebe eta Jim Lane ziren. Hau ari zen esaten: — Nor, Jupiter Dunlap? — Bai. -- Ah, ez dakit. Hala uste dut. Soroan aitzurrean ari zela ikusi dut, hain zuzen ere eguzkia sartu aurretik... Bera eta erretorea. Gaur gauean etortzerik ez zuela esan zuen, baina azukrea hartzeko bai, beharrik izanez gero. — Nekatuegia zegoela uste dut. — Bai... Oso langilea da! — Hori uste al duzu? Puntu honetan barrez hasi ziren eta alde egin zuten. Gure gordelekutik irten eta haien atzetik abiatzea hobe zela esan zuen Tomek, gure bidea baitzen; izan ere, ez zela gauza atsegina izango, zioen, bat-batean mamua aurrez aurre ikustea. Horrelaxe egin genuen, bada, eta beste berririk gabe etxerantz abiatu ginen. Gau hura irailaren bia zen... larunbata. Ez zait sekula ahaztuko. Laster jakingo duzue zergatik. SEIGARREN KAPITULUA Abiatu ginen, beraz, Jim eta Lemen atzetik Sim zaharraren txabolaren atzeko hesiraino. Sim txabola hartan zegoen preso askatu genuenean. Eta horra non txakurrak gure ingurura biltzen zaizkigun, ongietorria emateko bezala. Gainera, etxeko argiak piztuta zeudenez, beldurra erabat joan zitzaigun. Ia sartzen ari ginela Tomek esan zidan: — Geldi! Eser hadi hemen apur bat, zer arraio. — Zer gertatzen zaik? — galdegin nion —. — Deabrukeria! — erantzun zidan —. Ez al huen pentsatzen lehendabizi familiari basabiondo artean nor hil duten, gaizkileen berri, eta gorpuari kendu dizkioten diamanteen berri eman behar zaiola? Ez al duk pentsatu gertakari hau gorri kolorez margotu, eta besteak baino azkarragoak garenez, kasu honetatik etekina ateratzea? — Bai noski. Eta hi ez hintzateke Tom Sawyer izango horrelako aukera baztertuko bahu. Iruditzen zaidak — jarraitu nuen — ez dela inor pintura faltaz kexatuko, hi gertatuak apaintzen hasten baldin bahaiz behintzat. — Oso ondo — erantzun zidan —, eta zer erantzungo hidake hik horrelako asmorik ez dudala esango banik? Erantzun horrez harriturik, esan nion: — Gezurra dela erantzungo niake! Ez haiz seriotan ari, Tom Sawyer. — Berehalaxe ikusiko duk. Mamua oinutsik al zihoan? — Ez, ez ziaken. Eta zer? — Itxaron... Dedukzioa emango diat. Botak jantzita al zituen? — Bai, ongi ikusi nizkian. — Zin egingo al huke? — Zin egiten diat. — Baita nik ere. Horrela bada, ba al dakik horrek zer esan nahi duen? — Ez. Zer esan nahi du? — Lapurrek ez dituztela diamanteak hartu. — Alajaina! Zergatik uste duk? — Ez diat usterik. Bazekiat. Galtzak, betaurrekoak, masaileko bizarrak, maletatxoa eta gainerako gauza guztiak ez al dira fantastikoak bihurtu? Mamuak zeraman guztia fantastiko bihurtu da, ezta? Beraz, beraz, horra eta hona arima galdu bezala ibiltzen hasi denean botak ere fantastiko bihurtu zaizkio. Eta hori gaizkile haiek botak eraman ez dituztenaren froga aski ez bada, ez zekiat froga zeri esan behar zaion. Erreparatu ongi esandakoa. Nik ez dut sekula haren pareko bururik ikusi. Nik banituen begiak, eta gauzak ikusi ere, ikusten nituen, baina ez nuen gauzen adiera eta esanahia asmatzen. Tom Sawyer, ordea, erabat bestelakoa zen. Tom Sawyerrek zerbait ikusten zuenean, bazirudien hura tente jartzen zela eta hizketan hasten zitzaiola, eta Tomi zekien guztia esaten ziola. Nik ez dut horrelakorik sekula ikusi. — Tom Sawyer — esan nion —. Berriro aitortu behar diat hainbat bider aitortu izan dudana. Ez nauk hire botei betuna emateko dina. Baina arrazoia duk. Jaungoiko Ahalguztidunak eginak gaituk guztiak, baina batzuei begiak edukitzeko eman dizkie eta beste batzuei ikusteko, eta ni bigarren hauetakoa naizela uste diat. Segi hizketan. Orain konturatzen nauk lapurrek ez zituztela diamanteak ostuko. Baina zergatik ez zituzten ostuko? Ba al dakik? — Gorputz hilari botak kendu baino lehen beste bi gizonek uxatu dituztelako. — Hori duk. Oso argi ikusten diat. Baina, zergatik ez diagu gertatu den guztia kontatu behar, Tom? — Baina nola ez duk ulertzen, Huck Finn? Zer gertatuko duk orain? Bihar goizean auzitegian epaiketara deituko dutela. Oihuak entzun zituztela esango ditek, korrika joan zirela, eta garaiz iritsi zirela... ezezaguna ez salbatzeko. Ondoren, epaileak berriketan hasiko dituk, isildu gabe, eta azkenean erabaki bat hartuko ditek: Gizajoa, tiroz, labankadaz edo makilkadaka hila zela, eta Jainkoaren borondatea zela. Eta hilobiratu bezain laster, haren ondasuna auzi gastuak ordaintzeko eramango dizkitek, eta orduan iritsiko zaiguk probestu behar dugun aukera. — Nola, Tom? — Bota horiek bi dolarretan erosiko dizkiagu. Egia esan, zoratuta geratu nintzen. — Arraioa! Hortaz, Tom, diamanteak guretzat izango dituk. — Hala ematen dik. Egunen batean sari ederra eskainiko duk diamanteak itzultzeagatik. Mila dolar bai, ziur. Dirutza hori guretzat izango duk. Orain goazemak korrika gure jendea ikustera. Eta kontu!, ez zekiagu ezer hilketa, diamante eta lapur kontu horiez. Ez ahaztu gero! Tomek esandakoak goibeldu egin ninduen, egia esateko. Nik diamanteak saldu egingo nituzke — bai, jauna — hamabi mila. dolarretan. Baina ez nuen hitzik atera. Guztiz alferrik izango zen eta. — Eta zer esan behar ziaogu — galdetu nion — izeba Sallyri herritik hona iristen hainbeste berandutu garela azaltzeko? — Erantzutea hire kontua duk — erantzun zidan — Azalpenen bat asmatuko duk, nik uste. Tomek lehengo lepotik burua, beti zuzena eta sentibera. Ez zuen inoiz gezurrik esango. Etxera sartu ginen eta barruko pozak kili- kili egiten zigun hango gauza ezagunak ikusita. Izeba Sally negarrez zegoen, haurrak zoko batean kuzkurtuta, eta agurea bestean, otoitzean beharrean, dagoenean zeruko laguntza eskatzen duenaren antzera. Izeba Sally pozaren pozez etorri zitzaigun guregana masailak malko mardulez beterik zituela, eta belarriko bana eman zigun, eta gero besarkatu eta laztandu eta maitez buruan jo. Gurekin ez zekien zer egin ere, gu ikusteak hainbesteko poza eman baitzion. — Non ibili zarete — esan zigun — kalez- kale, alfer galduak? Izutu eta erotu egin nauzue. Aspalditik daude hemen zuen tresnak. Lau bider gutxienez prestatu dut afari berria, zuek etortzean bero-bero eta goxo-goxo izateko. Azkenean aspertu egin naiz, eta benetan esaten dizuet, orain...bizirik larrua kenduko nizueke! Goseak hilda egongo zarete, noski. Gaixoak, gaixoak. Tira, mundu guztia esertzera. Azkar, ez galdu astirik! Hura poza! Berriro gari ogi noble hura, txerri txuleta haiek, munduan behar den guztia. Osaba Silasek bere antzinako bedeinkapen dotoreenak eskaini zizkigun. Eta aingeruak doinu hartan dilindan zebiltzan bitartean, ni gure atzerapena zuritzeko zerbaiten bila ari nintzen. Jaten hasi bezain laster horixe galdetu zigun izeba Sallyk, eta nik erantzun nion: — Ba, esango dizut… ikusiko duzu… andrea… begira… — Huck Finn! Noiztik esaten didazu andrea? Gela honetan bertan sartu zinen egunetik ez al dizut behar adina musu eta masaleko eman, ala? Orduan Tom Sawyer zinela uste nuen, eta Jaungoikoa bedeinkatu nuen zu hona bidaltzeagatik, nahiz eta niri lau mila gezur esan eta nik, lapiko batek bezala, denak sinestu. Esaidazu Izeba Polly, beti esan izan didazun bezala. Horrela egin nuen, eta nire erantzuna eman nion: — Begira izeba. Tom Sawyerrek eta biok oinez etortzea erabaki dugu, bideko baso usaia hartu, eta bustita ibiltzeko. Bidean Lem Beebe eta Jim Lane topatu ditugu, eta arratsean beraiekin masustak biltzera joateko eskatu digute. Esan digutenez, Jupiter Dunlapi zakurra eskatuko zioten, arestian ikusia baitzuten. — Non ikusi dute? — galdetu zuen agureak, eta horrelako txorakeria bat zertarako galdetzen zuen jakitearren begiak altxatu nituenean, bere begiak ikusi nituen; nigan trinko zituen, txinparta jarioa zutela ematen zuten. Izugarri harritu nintzen eta jelatuta geratu. Baina berriro kemena hartu, eta erantzun nion: — Zurekin aitzurrean, eguzkia sartzen ari zenean edo. Osaba Silasek Hum! egin zuen muturtuta, eta ez zuen galdera gehiago egin. Beraz, nik jarraitu nuen: — Kontatzen ari nintzenez… — Nahikoa da, ez dugu gehiago esan beharrik… Izeba Sallyk bota zidan hori, oso haserre niri begira. — Huck Finn — esan zidan — Nola esango zizuten laguntxo horiek masustak biltzera joateko … lurralde honetan? Argi ikusi nuen hanka sartu nuela, eta ezin izan nuen hitz bat ere gehiago esan. — Ikusiko duzu, andrea... ejem!... linterna bat zutela esan digute eta... — Oh! Ixo, ixo. Ikus dezagun. Zer nahi zuten zakurrarekin? Masusta ehizara joan? — Nik uste, andrea... — Ea, Tom Sawyer! Zer gezur klase ari zarete asmatzen horrelako tontokerietan sartuta ibiltzeko? Esan. Baina hasi baino lehen, jakin ez dizudala hitz erditxo bat ere sinesten Huck eta zu kaikukeriaren bat eginak zarete... ondo dakit hori. Ezagutzen zaituztet... biok ezagutzen zaituztet. Ea ba! Azal iezadazu zakurrarena eta masustarena, eta linternarena eta berriketa guzti horrena... Eta hitz egin garbi eta zuzen, entzuten duzu? Tom barren barrenetik minduta azaldu zen, eta gizatasun bikain batez esan zuen: — Samingarria da benetan, nornahik egingo lukeen hutsegite bakar batengatik, Hucki buruz horrela hitz egiten entzutea. — Zer hutsegite duk hori? — Marrubiak esan ordez masustak esatea. — Tom Sawyer, benetan esaten dizut, berriro engainatzen banauzu... — Izeba Sally, zuk ez dakizu... ez duzu ulertzen noski, baina ez duzu inolako arrazoirik. Natur historia ikasi izan bazenu, jakingo zenuke bai, munduko alde guztietan, hemen, Arkansasen salbu, hain zuzen, marrubiak zakurrarekin... eta linterna batekin joanda biltzen direla. Atsoak, ordea, gaizki esaka ekin zion, Tom zaparrada haren azpian ito beharrean. Hainbeste sutu zen, ze hitzak ere borborka botatzen zituen. Eta horixe zen Tomek nahi zuena. Izeba haserrez itsutzea nahi zuen, horrela, arazo honetaz nazkatzen bazen, gero ez baitzuen hitzik ere esan nahiko, eta ezta beste inori hitzik ateratzen utzi ere... Eta horrelaxe gertatu zen, gertatu ere. Lasaixeago eta zutik egoteko gauza izan zenean, Tomek lasai-lasai esan zion. — Hala ere, edozein modura... — Zaude isilik egin zuen oihu izebak —, ez dizut hitz bakar bat ere entzun nahi. Modu horretara, patxada ederrean geratu ginen, eta berandu ailegatze hark ez zigun beste lanik eman. Tomek dotore asko zuzendu zituen okerrak. ZAZPIGARREN KAPITULUA Benny, osaba Silasen alaba, oso serioa zen. Noizbehinka intziriak entzuten zitzaizkion. Baina laster hasi zen Maryz, Sidez eta Tomen izeba Pollyz galdezka. Orduan izeba Sallyren hodeiak joan ziren, umore onez jarri zen eta bere itxurarik atseginenean azaldu zen, afaria giro alai batean bukatu arte. Baina gure alaitasunak ez zuen agurea kutsatu. Kezkaturik zegoen eta bere tristurak bihotza urratzen zidan. Afalondoan beltz batek atea jo zuen. Lastozko kapelua eskutan zuen. Esan zuenez, Bracek kanpoan zegoen bere anaia ikusi nahi zuen, afaltzeko zain nekatuta zegoen eta ea osaba Silasek hura non zegoen esango zion. Ez dut behin ere osaba Silas hain gogorki eta zitalki mintzatzen ikusi. — Ni al naiz, bada, horren anaiaren zaintzailea? Berehala damutu zitzaion hitz horiek esana. Eta limurtu nahiz, presaka eta bigun-bigun jarraitu zuen: — Ez da beharrezkoa zuk hori esatea, Billy. Uste gabean, erreta harrapatu nauzu... Egun hauetan ez nabil oso ondo eta ez zait kasurik egin behar. Esaiozu ez dagoela hemen. Beltzak alde egin zuenean, osaba Silas jaiki eta gora eta behera bueltaka ibiltzen hasi zen, eskuak burura eraman eta ileak igurtziaz. Penagarria zegoen. Izeba Sallyk ez ikusiarena egiteko esan zigun ahopetik, bestela haserretu egingo zela eta. Agure gaixoa batzuetan lotan ere etxean zehar ibiltzen omen zen. Horrelakoetan Bennyk laguntzen omen zion, berak ezagutzen zuela ondoen eta. Bitartean, osaba Silas etengabeko purrustan, baina gero eta nekatuago. Orduan Benny altxatu zen, eta haren alboan jarrita, besoa gerritik pasaz, harekin bueltaka hasi zen. Agurea poliki-poliki irribarrez hasi zen, aurpegia alaitu zitzaion, eta neskak lotara joateko konbentzitu zuen. Elkarrekin oso atseginak ziren biak. Ikuskizun goxoa huraxe benetan. Izeba Sally oso lanpetua zebilen haurrak oherako prestatzen. Horregatik, Tom Sawyer eta biok ilargiaren argitan ibilalditxo bat egitera atera ginen. Angurri sorora sartu, eta bat jaten hasi ginen; elkarrizketa luzea izan genuen. Ordu pare bat angurria jaten, berriketan, erretzen. Gero etxera itzuli ginen. Etxea lasai eta ilun zegoen, jende guztia ohean. Tomek dena ikusten zuen beti. Orduan konturatu zen lehenago sukalde sarreran zegoen bata berdea desagertu zela. Baina gu ere ez gintuen loak hartzen; berriketan geratu ginen berriro, ezertarako gogorik gabe. Gizona nola hil zuten, ikusi genuen mamua eta gorabehera guztiak etortzen zitzaizkigun burura, eta horrela ezin lo egin. Halako batean, Tomek ukitu ninduen eta kanpora begiratzeko esan zidan. Norbait zebilen han. Bai, mamu bat antzeman genuen atarian balantzaka, baina oso ilun zegoen eta ezin ikusi. Bat-batean ilargia zuri-zuri nagusitu zen, eta kanpoan zebilenak kirten luzeko pala bat zeramala ikusi genuen. Bizkarrean zeraman eta bata berdea zuen. Tomek esan zidan: — Lotan dabil paseatzen. Atzetik segitzeko modua bagenu eta nora doan jakin! Begira, tabako soroa inguratu du. Bistatik alde egina da. Tamalgarria hobeto lo egin ezin izatea. Luzaro egon ginen zain, baina ez genuen itzultzen ikusi. Oheratu eta milioika amets txar egin genuen. Baina argitu orduko zutik ginen. Hain zuzen ere, bitartean ekaitz jasa amorratu bat sortu zen, tximista, trumoi, haize eta euri izugarria. — Entzun — esan zidan Tomek— oso gauza jakingarri bat esango diat. Bart atera ginenean, familiak ez zekien Jake Dunlap garbitu zutenik. Ba, begira, Hal Clayton eta Bud Dixon ihesi bidali zituztenek ordu erdi baino lehen guztiaren berri zabalduko zuten, normala denez, eta auzoko guztiak, hori entzunda, korrika aterako landaz landa berria zabaltzen lehenengo izateko. Hauek, izan ere, hogeita hamar urtetan ez dute horrelako gertakari nabarmenik izan kontatzeko. Baina hori kezkagarria da. Ez dut ulertzen. Tom larri zegoen, jakin nahiez. Atertu zain zegoen, kanpora joan eta ea gertakariaz zer zioten hitz egiteko. Tomek esaten zuenez, ezer kontatzen ba ziguten, erabat harritu eta eskandalizatu bezala agertu behar ginen. Atertu bezain laster atera eta alde egin genuen, ordurako egun betea zen eta. Bidean gora joan ginen paseoan, eta noiz edo noiz, pertsonaren batekin topo egitean, egun onak ematera gelditzen ginen; noiz iritsi ginen kontatzen genion, etxeko jendea nola utzi genuen, zenbat denboran egongo ginen han, eta beste gauza asko. Baina inork ez zigun gertatutakoaz hitzik esaten. Horrek txunditzen gintuen, eta ez arrazoirik gabe, noski. Tomek zioenez, basabiondoetaraino iristen baginen gorpu hila aurkituko genuen, eta ez omen genuen pertsona bizirik aurkituko. Uste zuenez — zioen — gizon haiek lapurrak baso barreneraino jazarriko zituzten, eta han hauek aukera ederra izango zuten aurre emateko, eta beharbada, elkar hil zuten, eta horregatik ez zen geratuko inor gertatuaren berri emateko. Horrela, berriketan, basabiondoen aurretxoan ginen, ia konturatu ere egin gabe. Dardaraz hasi nintzen, eta ez nuen pauso bakar bat ere gehiago eman nahi, nahiz eta Tomek horretarako zurikeria guztiak egin. Hark ezin zion bere gogoari eutsi. Gorputzak oraindik botak jantzita zituen ikusi nahi zuen. Horrela, bada, basotxoan sartu zen... baina minutu bat baino lehen atzera itzuli zen, begietatik txinpartak botatzen zituela: — Huck! — esan zidan —. Alde egin du! Alde egin du, benetan. Ez dago arrastorik ere. Lurra zapalduta bezala dago, baina odolik baldin bazegoen, euriak garbitu du, barru alde horretan lohia eta lokatza besterik ez dago eta! Azkenik, nire susmo txarrak astindu, eta neronek begiratu bat botatzeko sartu nintzen. Egia zen Tomek esandakoa. Ez zegoen gorpuaren arrastorik ere. — Zorte madarikatua!... — esan nuen — agur diamanteak! Ez al zaik iruditzen lapurrak berriro etorri eta eraman egin dutela, Tom? — Hori ematen dik. Litekeena. Baina horretarako astirik izan dutela iruditzen al zaik? — Ez zekiat — esan nuen nahigabez beterik — Gehiago oraindik. Ez zaidak axola ere. Botak behintzat eramanak dizkitek, eta haiek behar genizkian... Niregatik, hil hori gera daiteke basoan eserita, ni bila joango natzaion zain baldin badago. Tomek ez zuen nahasketa gehiagotan sartu nahi izan, nahiz eta hildakoari zer gertatu ote zitzaion jakiteko irrikitzen egon... Baina onena handik txintik ere atera gabe alde egitea zela esan zidan, asko luzatzen baginen norbaitek ikusiko gintuela eta. Aspertuta, nekatuta, atsekabetuta eta engainatuta itzuli ginen etxera gosaltzera. Ordura arte ez zitzaidan sekula gertatu izan hildako baten gorpuak hainbeste aspertzea. ZORTZIGARREN KAPITULUA Gosaria ez zen halako pozgarria gertatu. Izeba Sallyk leher eginda eta zaharkitua ematen zuen. Haurrak elkarri mokoka eta zarata ateratzen uzten zituen. Ezer ere ez zuela entzuten ematen zuen, eta ez zen horixe bere ohitura. Tom eta biok gauza gehiegi genuen pentsatzeko, eta horregatik ez genuen ahorik zabaltzen. Bennyri lo gutxitxo egin zuela igartzen zitzaion, eta aitari begiratzeko burua pixka bat jasotzen zuenean, haren begietan malko distiratsuak ikusten ziren. Agureak, berriz, nahiz eta janariak platerean izan, hozten uzten zituen, han zeuzkanik ere konturatu gabe. Seguru-seguru, sosegurik gabe gogoetan ari zelako. Ez zuen ezer esan, ez zuen ezer jan. Geroxeago, beltzaren burua azaldu zen berriro atean. Brace nagusia geroz eta kezkatuago zegoela Jupiterrengatik esan zigun, ez baitzen oraino inondik agertzen. — Silas nagusiak nahi ote du... Beltza osaba Silasi begira zegoen, eta bat-batean isilik geratu zen, hitz guztiak ahoan izoztu balitzaizkio bezala. Osaba Silas dardara batean eta arnasestuka jaiki zen, bere buruari eusteko eskuak mahai gainean jarri, eta begirada beltzarengan iltzatu zuen. Arnasa sendo bat egin, bi edo hiru aldiz eskua zintzurrera eraman, eta azkenean hitz hauek esan zituen, borborka antzean: — Baina hark, hark... pentsatzen du... Zer uste du? Esan iezaiozu... esan iezaiozu.. Ondoren aulkiaren gainera erori zen, etsita, indarrik gabe, eta ozta-ozta entzuteko moduan esan zuen, ahopetik: — Alde!... Alde hemendik!... Beltzak ikara aurpegia jarri zuen eta korrika atera zen. Guztiok sentitu genuen, arraioa, ez dakit nik zer sentitu genuen, baina hunkigarria zen gizon hura han, arnasestuka, begiak zuri-zuri eta hilzorian bezala ikustea. Gutako inor ere ez zen mugitzeko gauza. Benny, ordea, goxo-goxo ondoratu zitzaion, masail errekak malko zilarrez bustita; agurearen aurrean jarri zen, bere bularren kontra estutu zuen buru zuritu beneragarria, eta zartako bigunak eta losintxak egiten hasi zitzaion. Gero alde egiteko keinua egin zigun, eta, obedituz, poliki-poliki atera ginen, hango nagusi heriotza izan balitz bezala. Tom eta biok baso aldera abiatu ginen handik, orduko giroaren eta aurreko udakoaren artean zegoen alde ikaragarria komentatzen. Aurreko udaran sosegua eta zoriona zen dena, jendeak zerutan jartzen zuen osaba Silas, eta hau alai, onbera, jolasti eta atsegina zen. Orain, berriz... Ene Jainkoa! Burutik ez bazegoen gutxi falta zitzaion. Horretan bat gentozen biok. Egun ederra zen hura, eguzkitsua, ikusgarria. Zenbat eta mendixkan barrena zelai aldera gehiago joan, arbolak eta loreak ederrago eta bakanago azaltzen ziren. Eta hainbat eta zentzugabeago iruditzen zitzaigun horrelako mundu batean hain goibel ibiltzea. Ustekabe batean, bat-batean arnasari eutsi nion, eta baita Tomen besoari ere. Gibela, birikak eta gorputz osoa erori zitzaizkidan oinetara. — Horixe duk...! — esan nuen . Jauzi bat egin eta basarte baten atzean ezkutatu ginen, dardara batean. — Kontuz!... Ez atera hotsik — esan zidan Tomek —. Zelai ertzean eseri zen, bere pentsamenduetan murgildurik. Tomi alde egiteko tiratzen nion, baina ez zuen nahi izan, eta ez nintzen ausartu bakarrik alde egitera. Mamu bat ikusteko aukerarik berriro ez genuela izango esan zidan, eta, larrutzen bazuten ere, hura ikustera geratu nahi zuela. Beraz, nik ere begiratu egin nuen, hiltzerainoko izerdia kostatzen bazitzaidan ere. Tomek hitz egin behar zuen, baina oso behetik egin zuen: — Jake gaixoa! Berekin ditu gauza guztiak. Ikusi orain lehen dudatan jartzen gintuena … ilea. Ez darama lehengo tankeran, luze; motz-motza du; lehen ere esan zigun. Huck, ez diat nire bizitzan inoiz mamu naturalagorik ikusi. — Ezta nik ere — erantzun nion —. Edozein tokitan ezagutuko nikek. — Baita nik ere. Oso sendo eta jator zirudik. Hil aurretik bezalakoa ematen dik. Berriro begiratu genion, eta Tomek hitz egin zuen berriro: Ez darama lehengo tankeran, luze; motz- motza du; lehen ere esan zigun. Huck, ez diat nire bizitzan inoiz fantasma naturalagorik ikusi. — Huck, mamu horrek badizkik erabat aparteko berezitasun batzuk, ez al zaik iruditzen? Ez likek egun argiz hortik eta hemendik errondan ibili behar. — Egia duk, Tom... Horrelako gauzarik ez diat inoiz entzun. — Nik ere ez. Bai zera, ez omen dituk sekula gau betea izan arte ateratzen eta... eta hamabiak pasatxo arte... eta hamabiak pasatxo arte... Horrek tratu itsusiren bat duela iruditzen zaidak. Egin kasu nire hitzei. Ez diat uste egunez errondan ibiltzeko eskubiderik duenik. Horrek hezur eta mamizkoa ematen dik gero! Jakek hemen gor-mutuarena egingo zuela esan ziguken. Orain zerbait esango bagenio ere itxura egingo lukeela uste al duk? — Jainkoaren errukiagatik, Tom, ez esan horrelakorik! Hitz egiten badiok, hemen bertan eroriko nauk seko. — Egon hadi lasai, ez noakiok ezer esatera. Begira, Huck... Buruan hazka ari duk, ikusten al duk? — Bai, eta zer? — Zer? Begira, zertarako egin behar dik hazka? Ezin ziok ezerk hazkurarik eman, burua lainoz egina dik... Lainoz edo antzeko zerbaitez, eta ezin ziok horrek kilimarik egin. Lainoak ez dik kilimarik. Hori zakurrek ere bazekitek. Hor, ba, hazkurarik ez badik, eta izaterik ere ez, zergatik egiten dik hazka? Bizioz egingo ote dik? — Ez, jauna, ez diat uste. Mamu horren jokaeraz ez negok batere pozik. Badiat susmoa engainatzen ari zaigula. Zergatik? Horixe ba... Huck! — Zer duk? Zer gertatzen duk orain? — Begira! Bere trabes ez direla arbolak ikusten! — Nola, Tom? — Tira, egia duk eta... Behia bezain trinko eta betea duk eta!... Dudetan... — Huck! Tabakoa dik ahoan...! Deabrua! Mamuek ez diate tabakorik erabiltzen!... zerekin egin behar ziotek, bada, hozka?... Huck! — Adi-adi negok. — Ez duk mamua. Jake Dunlap bera duk! — Sorginkeria! — esan nuen nik —. — Huck Finn... Hilaren gorputzik aurkitu al genuen basabiondoen artean? — Ez. — Eta arrastorik? — Ezta. — Ba, konbentzitzeko moduko arrazoia duk. Han ez zegoen gorpurik. — Nola, Tom? Hik ere badakik entzun genuela... — Bazekiat, bai, oihu pare bat, hiru bat entzun genizkian. Inor hil zutela frogatzen al du horrek? Ez noski. Gero lau gizon korrika, baina hor dagoen hori paseatzen irten zuan, eta mamutzat jo genian. Baina hi bezalako mamu duk hori. Ilea motz motza utzi dik, guri aurretik esan bezala. Mamua? Bera? Intxaurra baino gogorragoa zegok. Orduan dena ulertu nuen, eta konturatu ere bai mamua zela pentsatu genuenean zein txotxoloak izan ginen. Izugarri poztu nintzen hil ez zutelako, eta baita Tom ere. Jakek guk ez ezagutuaren itxura egitea nahiago ote zuen ala ez galdetu genion elkarri. Berari galdetzea zela onena pentsatu zuen Tomek. Beraz, bereganantz abiatu zen, eta nik jarraitu egin nion, eta atzeraxeago gelditu nintzen, artean ez bainekien mamua zen ala ez. Bere ondora iristean Tomek eman zion hitza: — Huck eta biok bene-benetan pozten gara zu ikusita. Ez zaitugu salatuko, zaude lasai. Zure ondotik pasatzean ezezagunaren itxura egitea hobe dela pentsatzen baduzu, esan iezaguzu garbi, eta ikusiko duzu zure aldekoak garela. Nahiago dugu besamotz geratu zuri kalterik txikiena egin baino. Lehendabiziko unean harrituta geratu zen gu ikustean, eta ez oso pozik, egia esan. Baina Tomek hitz egin ala, gero eta atseginagoa agertzen zen, eta nire adiskidea isildu zenean, besteak barre egin zuen, eta buruaz baietz adierazi zigun; eskuez keinuka hasi zitzaigun, eta: — Gu-gu... gu-gu... -egiten zuen gormutuen tankeran —. Orduantxe gizon batzuk zetozela ikusi genuen. Zelaiaren beste aldean bizi zen Stave Nickersonen morroi batzuk ziren. Horregatik Tomek esan zuen: — Oso ongi imitatzen duzu soinu hori. Hobeto imitatzen duenik ez dut sekula ikusi. Arrazoia duzu; gurekin ere itxura egin, besteekin bezala. Horrela ohitu egingo zara, eta ez duzu kirtenkeriarik egingo. Zuregandik urrutitxo ibiliko gara gu, eta ezezagunaren itxura egingo dugu. Gero, bidean, Nickersonen jendearekin topo egin genuen, eta uste izatekoa zenez, galdezka hasi ziren ea hura kanpotar berriren bat zen, nondik zetorren, izena nola zuen, erlijioz baptista ala metodista zen, politikaz wig ala demokrata, herrian zenbat denbora pasatzeko asmoa zuen, eta horrelako beste mila galdera, kanpotarren bat iristen denean egin ohi den bezala. Gormutuaren keinuetatik oso gutxi ulertu zuela erantzun zuen Tomek, eta gu-gu harekin ere beste hainbeste gertatu zitzaiola. Gero zain geratu ginen, larri baikinen haiek alde egin eta Jakeren ondoraino iritsi ziren arte. Tomek esaten zuenez, hari asko kostako zitzaion gormutua zela ez ahaztea. Jake gogor ari zela eta keinuak trebeki egiten zituela ikusi genuenean, berriro ibiltzen hasi ginen, ikastetxera irten ordua baino lehen iristeko.. Benetan haserretu nintzen Jakeri basabiondoen arteko eztabaida entzun ez niolako, bizitza ere ia galdu baitzuen hartan; ez nuen etsitzen haren berririk jakin gabe. Tomek ere sentitu zuen, bere modura, baina ez zuen ezer esan. Kontuan hartu behar zen, izan ere, gu Jakeren larruan egon izan bagina, berdin egingo genukeela, eta ez ginatekeela ezertan ere arriskatuko. Neska mutikoak asko poztu ziren gu berriro ikusita, eta oso astialdi ona pasa genuen. Ikastetxerakoan Hendersonen semeek gormutu iritsi berria ikusia zuten eta beren lagunei kontatzen ari zitzaizkien. Jakina, ikasleak ere jakiteko irrika bizitan jarri zituzten, eta ez zen beste hizketa gairik han. Tomek esaten zuenez, sekretua gordetzea gauza gogorra zen; eta gainera bagenekien inori kontatuko bagenio heroien ospea lortuko genukeela. Baina , hala ere, sekretua gordetzeak heroiago egiten gintuela. Milioi bat neska mutilen artean, bi onenak ere ez ziren izango sekretuak gordetzeko gauza. Hori zen Tom Sawyerrek gure egitekoari buruz zuen irizpidea, eta niretzako, munduko irizpiderik bikainena Tom Sawyerrena zen. BEDERATZIGARREN KAPITULUA Bi edo hiru egunen buruan Mutua erabat ezaguna egin zen herrian. Adiskidetasun handia egin zuen; denek maite zuten eta harro ibiltzen ziren hura bezalako bitxitasun baten lagun. Gosaltzera, bazkaltzera, afaltzera deitzen zuten. Zerrikiz eta eltzekoz asetzen zuten, eta hari begiratzen eta miresten ez ziren inoiz nekatzen; beti ari ziren fenomeno haren berezitasun berriren bat aurkitu nahirik. Hura bai zela berezia eta erromantikoa! Haren keinuek ez zuten ezertarako balio; jendeak ez zituen ulertzen, eta berak ere ez, agian. Baina gu-gu asko egiten zuen eta horrela mundu guztia pozik uzten zuen, hura entzunda harriturik. Mutuak harbeltz zati bat eta arkatz zuri bat lortu zituen nonbaitetik. Jendeak galderak idazten zizkion, eta berak erantzun. Baina bere letra ez zuen inork ulertzen, Brace Dunlapek izan ezik. Bracek esaten zuenez, ez zuen letra hura oso ongi ulertzen, baina hala ere beti moldatzen zen adierazpena nolabait argi jartzeko. Bracek esaten zuenez, Mutua urrutiko lurralderen batetatik etorria zen, berak esaten zuenez; lehen aberatsa izana zen, baina iruzurgile batzuek lapurreta egin zioten, eta orain miseria gorrian zegoen, inolako bizibiderik gabe. Denek goratzen eta txalotzen zuten Brace Dunlap, kanpotarrari laguntza ematen ziolako. Egurrezko txabola bat beretzat bakarrik eman zion, eta bere esklaboei txabola zaintzeko eta mutuari behar zuen guztia emateko agindu zien. Batzuetan Mutua gure etxera ere etorri zen, Silas zaharra oso triste baitzegoen egun haietan, eta bera bezain triste zegoen jendearekin hitz egiteak kontsolatu egiten zuen. Tom eta biok ez genuen ezagutzen genuenik inola ere aditzera ematen, eta berak ere beste horrenbeste egiten zuen. Familiakoek etxeko atsekabeei buruz hitz egiten zuten, nahiz eta Mutua aurrean izan, ez balego bezala. Baina guk pentsatzen genuen han esandakoak entzun arren ez zela kalterik izango. Gehienetan, normala zenez, ez zuen arretarik jartzen, baina batzuetan bai, ordea. Horrela bi edo hiru egun pasa ziren. Jendea Jupiter Dunlapi buruz galdezka hasi zen. Auzokoei hartaz ezer ote zekiten galdezka hasi zen, nondik zebilen behintzat. Ez zuen inork haren berririk; buruari eraginez, ezezkoa adierazten zuten. Eguna igaro zen, beste bat, eta zurrumurrua zabaltzen hasi zen, ba zitekeela norbaitek hila izatea. Pentsa nolako iskanbila sortu zen orduan. Larunbatean bizpahiru talde antolatu ziren basora haren bila joateko, eta horrela abiatu ziren hildakoaren gorpua aurkitzen ote zuten. Tom eta biok laguntzera joan ginen. Lan zintzo eta noblea izan zen hura! Tom buru belarri ibili zen haren bila, ez jan eta ez lo egiteko gauza zela. Esaten zuenez, gorpua aurkitzen bagenuen, gure izenak ospe handia hartuko zuen, eta horrela, ito izan bagina baino askoz ere gehiago hitz egingo zen gutaz. Gainontzekoak nekatu ziren, eta bilaketak utzi egin zituzten. Tom Sawyer, ordea, ez. Huck ez zuen amore emateko eta errenditzeko ohiturarik. Larunbat gauean ez zuen une batean ere lorik egin; plan bat prestatzen ari zen, eta goizalderako prestatua zuen. Ohetik aterarazi ninduen, eta bere onetik irtenda, oihuka esaten zidan: — Altxa, Huck, jaiki eta jantzi azkar. badut plan bat eta. Ehiza zakurra, horixe! Handik minutu pare batera, ibai ondoko bidean gora ginen, herrixka aldera. Jeff Hooker zaharrak bazuen ehiza zakur on bat, eta Tomek zakur hura eskatu nahi zion egun hartarako. Nik orduan honela esan nion: — Honezkero arrastoa galdua duk, Tom; ez ahaztu euri jasa galantak izan direla. — Ez zaiok axolarik, Huck. Gorpua basoko edozein alderditan ezkutatu badute ere, zakurrak aurkituko dik. Hil eta lurperatu badute ere, ez zuten oso sakon zulatuko. Eta zakurra haren gainetik pasatzen bada, ziur usainka aurkituko duela. Huck, arrakasta gaitza lortuko diagu oraingo honetan, ikusiko duk. Tom begietatik sua zeriola zegoen. Berotzen zenean tximistak botatzen zituen inguru guztian. Hona zer burutu zitzaion: (minutu pare batean bere plan osoa azaldu zidan), gorputz hila aurkitu ez ezik, hiltzailearen aztarrena ere bilatzekoa zen, eta baita hari hatzaparra eranstekoa ere. Eta ez zen auzia, besterik gabe, horretan geratuko, aitzitik, hiltzailea makilkadaka dantzatuko zuen Tomek, eta... gero... — Entzun — esan nion — hobe izango duk lehendabizi gorpua aurkitzea. Gaurkoz aski dela iruditzen zaidak. Gure susmoek diotenez, ez zegok hemen ez hilik eta inolako garbiketarik ere. Madarikatu horrek hanka egin dik beharbada, eta ez zegok hilik. Hitz hauek lotsagarriak iruditu zitzaizkion. — Huck Finn — esan zidan — jendea kikiltzeko hi bezalakorik ez diat sekula begien aurrean ikusi. Zer mesede egiten dik agian gorpurik ez dagoela eta beharbada inolako hilketarik ez dela izan berekoikeria itsu horretan pentsatzeak? Mesederik ez, noski, nire ustez. Ezin diat ulertu horrela zergatik ari haizen. Nik ez niake horrelakorik sekula egingo. Eta hik ondo dakik, gainera. Izen eta ospe handia lortzeko aukera bikainena dugunean, hik... — Oh, ixo! — eten nion hizketaldia —. Lotsatuta negok. Nire hitzak jan eta gezurtzat ematen dizkiat. Ez diat ezer esan. Egokiena dena egin. Bost axola niri hura. Hil badute, hi haina poztuko nauk: eta baldin... — Nik ez diat esan pozten naizenik, baizik... — Bueno, ba, hartara hik haina sentitzen diat. Hire iritzia nire izango duk. Bera... — Ez zegok hemen iritzirik, Huck Finn; hemen ez duk inor iritziaz ari. Zerari buruz berriz... Ahaztu zitzaion hizketan ari zela, eta ibiltzen jarraitu zuen, gogarte sakonetan sartuta. Berriro berotzen hasi zen, eta berehala esan zidan: — Huck, denek amore eman eta gero, guk gorpua aurkitu eta gero hiltzaile gaiztoa harrapatu arte aurrera egitea nabarmenagoa izango litzateke gertatu diren gauza harrigarri guztiak baino. Hori bai izango litzatekeela ohore eta ospe handia, eta ez guretzat bakarrik, osaba Silasentzat ere bai, guk lortu dugula eta. Ikusiko duk horrelako gauza batek bihotza nola alaitzen dion. Baina Jeff Hooker zaharrak jelatuta utzi gintuen bere burdinolara sartu eta zertara gindoazen esan genionean: — Braman zakurra, nahi baldin baduzue; baina ez duzue gorpurik aurkituko, ez baitago gorputzik aurkitzerik. Aspertuta utzi dituzte denek bilaketak, eta oso ondo egin dute gainera. Pentsatzen hasi bezain laster konturatu ziren gorpurik ez zegoela. Eta esango dizuet zergatik. Zergatik hiltzen du pertsona batek bestea, Tom Sawyer? ... erantzun honi. — Zergatik? Zera... — Erantzun! Ez haiz tontoa. Zergatik hiltzen du. — Oh! Ba, batzuetan mendekuz eta... — Itxaron. Goazemak poliki-poliki. Mendekuz diok, eta hala duk. Borra ba, nor arraiok mendekatu nahi behar dik gizajo arlote, ezertarako balio ez duen horretaz? Nork uste duk hil nahiko lukeela untxitxo hori? Tom jela puska bezala geratu zen. Pertsona batek bestea hiltzeko arrazoiak behar dituenik bururatu ere ez zitzaiola egin uste dut, eta orain konturatzen zen nekez gorrota zezakeela inork Jupiter bezalako arkumetxorik. Gero honela mintzatu zen errementaria: — Ikusten duk, beraz, mendeku susmo guztiak baztertzekoak direla. Eta bestela zergatik hil? Lapurtzeko? Horixe bai izango zela, Tom! Bai, jauna. Uste diat oraingoan asmatu dugula. Norbaitek haren tiranteetako belarriak izateko irrikaz... Asmaketa hura barregarria izaki, ordea, eta errementaria bera barrez hasi, eta barrez jarraitu zuen lehertzear. Tom guztiz kopetilun eta atsekabetua zegoen. Antzeman nion hara joan izanaz lotsatu egiten zela. Baina Hoocker zaharra ez zen errukitu. Pertsona batek bestea hiltzeko pentsa litezkeen aitzakia guztiak ahitu zituen, haietako bakar batek ere balio ez zuela txatxuenak ere ikusteko moduan. Gizona ez zen atertzen txantxak egiten, eta berdin gorpuaren bila joan zen jendeaz. Ostera algaraka hasi zitzaigun, eta beste barre algara bat, luzea, bota zuen, handik km. batera entzuteko modukoa. Ordurako Tomek ezin zuen jadanik atzera jo, eta honela esan zion: — Ederki. Askatu zakurra. Errementariak askatu zuen, eta guk handik alde egin genuen. Errementaria eroa bezala jarraitzen zen algaratan. Zakurra oso maitagarria zen. Ehiza zakurra baino atseginagorik ez dago. Hark ezagutu eta maite gintuen. Salto eta buelta hasi zen gure inguruan, eta izugarrizko poza zuen bere burua jai eguna gozatzeko aske ikusirik. Baina Tom erabat triste zegoen, eta konfiantza galdurik esan zidan: — Hobe nukeen honelako lan batean arriskatu aurretik ondo pentsatu izan banu. Jeff Hoocker zaharrak jende guztiari kontatuko ziok, gainera, eta sekulako barrak egingo dizkitek gure bizkarretik. Hortaz, etxe aldera abiatu ginen, muturtuta eta hitzik esan gabe, bide zidor ezkutu batzuetatik. Tabako soroaren urrutiko ertza pasatzean, zakurraren zaunka luze bat entzun genuen, eta harengana joan ginen korrika. Indar guztiaz ari zen lurrean aztarrika, eta noizik eta behin burua alde batera eta bestera jiraka berriro zaunkari ekiten zion. Bazen hantxe hilobi antzeko lur mutur bat; euriak lubakitxo bat egin zion nonbait zoruari eta hutsarte bat ageri zen. Hara iritsi orduko isil-isilik begiratu genion elkarri. Zakurrak gehixeago barrendu zuenean, zerbaiti heldu zion. Tiraka hasi zen, eta hara non ikusten dugun beso bat txaketaz jantzita. Tom garrasika hasi zen: — Begira, Huck! Topatu diagu azkenean! Ikaratuta nengoen. Lasterka batean bide aldera jo genuen. Aurkitu genituen lehendabiziko pertsonak hartu eta hara eraman genituen. Txabolatik aitzurra ekarri eta gorputza atera zuten. Ez dut inoiz halako ikara girorik ikusi. Aurpegitik ez zen ezer ezagutzen, baina beharrik ere ez zegoen. — Jupiter gaixoa — zioten denek —. Azkeneko zarpailetaraino jantzi guztiak bereak dira. Norbait korrika joan zen aurkikuntzaren berri zabaltzera eta epaile jaunari deitzera, behar ziren paperak egin zitzan. Tom eta biok etxe aldera joan ginen korrika. Tom suak hartuta eta ia arnasarik gabe zegoen osaba Silas, izeba Sally eta Bennyren ondora iritsi ginenean. — Huck eta biok aurkitu dugu — esan zien oihuka Tomek Jupiter Dunlapen gorpua aurkitu dugu, biok bakarrik, haren bila ari zirenak bilaketa utzi eta gero. Guri eskerrak... guregatik izan ez balitz, ez zuten sekula aurkituko. Garbitu zuten, bai, hil egin zuten. Mailuz edo jota. Berehalaxe noa hiltzailearen bila, eta edozer gauza apustu harrapatzen dudala...! Izeba Sally eta Benny jauzi batez zutitu ziren, txuri-txuri eta erabat harrituta zeuden. Osaba Silas, berriz, beruna bezala erori zen aulkitik lurrera. Negarrez esaten zuen: — O! Jaungoiko maitea, aurkitu egin duzue! HAMARGARREN KAPITULUA Hitz ikaragarri haiek jelatuta utzi gintuzten. Minutu erdi batean gutxienez, ez ginen ez oinik ez eskurik mugitzeko gauza izan. Gero agurea altxatzera abiatu ginen, eta aulkian jarri genuen. Benny laztantzen, musu eman eta kontsolatzen saiatu zen, eta izeba Sallyk ere beste horrenbeste egin zuen. Baina emakume gaixoak erabat larrituta zeuden, lasaitasunik gabe eta ia-ia zertan ari ziren ere ez zekitela. Tom lur jota zegoen. Harri eta zur bihurtu zuen atsekabe hark; bere osabari lehen ere egindako kalteek baino mila bidez gaitz gehiago egin ziolako. Noski, ez zen horrelakorik gertatu izango ohore eta izen handiren bila ibili izan ez balitz, eta gainontzekoek bezala gorpua bake bakean utzi izan balu. Baina berehala bizkortu zen, eta zera esaten hasi zen: — Osaba Silas, honetaz ez esan hitz bakarrik ere. Arriskutsua da, nahiz eta egiaren antzik ere ez izan. Izeba Sallyk eta Bennyk esker onez begiratu zioten hitz horiek entzutean, eta haiek ere berdin mintzatu ziren. Baina agureak etsipen beltzez eragiten zion buruari, eta aurpegia malkoz bustita zuela, honela esan zuen: — Ez... Ni izan naiz. Jupiter gaixoa! Ni izan naiz. Bai gauza ikaragarria haren ahotik hitz hauek entzutea! Gero agureak hizketan jarraitu zuen, eta dena kontatu zien, hasieratik azkeneraino, tragedia osoa... Tom eta biok iritsi ginen egunean bertan gertatu omen zen dena... ilunabarrean. Jupiterrek etengabe nazkatzen omen zuen, eta erdi ero bihurtu omen zen, eta orduan, makila hartu eta buruan jo omen zuen indar guztiaz. Konorterik gabe erori omen zen lurrera. Damuak eta larritasunak harturik, belaunikatu eta Jupiterren burua altxatu eta zerbait esateko eskatzen omen zion, hitzen bat esateko, hilik ez zegoela behintzat. Handik gutxira, eroritakoari kordea berriro etorri zitzaion, eta burua eusten ziona nor zen konturatzean, salto egin zuen heriotzaren aurre-aurrean balego bezala, eta hesia gainetik pasatuz, korrika baso aldera joan eta han ezkutatu omen zen. Horregatik, gauza handirik ez ziola egin uste zuen osaba Silasek. — Baina — esan zuen geroxeago — beldurraren eraginez bakarrik izan zen ibiltzeko gauza, eta jakina, berehala galdu zuen kemena. Berriro sasi artean erori zen konorterik gabe, eta inguruan ez baitzen inor laguntzeko, bertan hil zen. Honetan geundela agurea oihuka hasi zen, eta negar zotinka, eta hiltzailea bera zela, eta Kainen zigorra gainean zuela, eta bere familia zoritxarrean amildu zuela, eta laster bilatu eta aurkituko zutela, eta zuhaitz adar batetik zintzilika urkatuko zutela, eta abar. — Ez — esan zion Tomek —. Ez zaituzte bilatuko eta ezta urkatuko ere. Ez zenuen zuk hil. Ez zuen makilakada batek hil. Beste norbaitek garbitu zuen. — O, bai! Nik hil nuen... neuk bakarrik. Beste inork begiratzen al zion, bada, haserrez? Beste nor egon zitekeen harekin haserre? Begiak altxatu eta begiratu egin zigun, gutakoren batek alproja haren kontra gorrotorik izan zezakeen norbaiten izenik eman geniezaion zain. Baina alferrik itxaron zuen noski. Harrapatu gintuen, bai, eta ezin genuen hitzik esan. Konturatu zen orduan, eta berriro goibeldu zen, nire egunetan ikusi dudan aurpegirik kezkatsu eta zoritxarrekoena jarri zigun. Tomek ustekabeko ideia bat izan zuen: Baina, geldi!... Lurperatu ere norbaitek egingo zuen. Ikus dezagun, bada, nork? Bat-batean isildu zen. Nik igarri nion zergatik. Heriotz ikarak sentitu nituen hitzok entzutean, oroitu bainintzen, gau hartan, ilunean, osaba Silas inguruan ikusi genuela, kirten luzeko pala bat zeramala. Eta nik banekien Bennyk ere ikusi zuela, egun batean hori esaten entzun bainion. Isildu eta bertan Tomek hizketa gaia aldatu zuen, eta osaba Silasi erreguka hasi zitzaion isilik egoteko, eta berdin guri ere. Osaba Silasek isilik egon behar zuela esan zuen, ez baitzegoen bere burua salatzera beharturik; sekretua gordetzen bazuen, ez zuela inork jakingo; gauza argitzen bazen eta osabak kalterik bazuen, ordea, bere sendiaren bihotza urratu eta sendia bera ere hautsi egingo zuela, eta horrek ez ziola inori ezeren mesederik egingo. Beraz, osaba Silasek azkenean, hitz emanda bezala jokatuko zuela. Orduan denak lasaiago sentitu ginen, eta ahaleginak egin genituen agurea bizkortzeko. Isilik egon beste lanik ez zuela esan genion, luzaro baino lehen dena ahaztuta egongo zela eta. Osaba Silasen errezelorik izango zuenik ez zegoela inor ere, esaten genion behin eta berriro, hain ona eta maitagarria izaki. Eta Tomek ederki esan zuen bihotz guztiz: — Ikus dezagun. Pentsa dezagun minutu bakar batez. Azter dezagun auzia. Hemen dago osaba Silas, hamaikatxo urtetan sermoilari izana... Urte horietan guztietan arima osoz eta era guztietara ona besterik ez du egin, beti bere kontura. Jende guztiak maite eta errespetatu du. Bakezale agertu da beti, eta ez da inoren aurka sartu. Ez da sekula izan inor jotzeko gauza, denek dakitenez. Horrelako gizonaz nola ezer susmatu? Lehenago... — Arkansasko Estatuaren agintarien izenean preso hartzen zaitut Jupiter Dunlapen hilketarengatik — oihu egin zuen sheriffak atetik. Ikaragarria izan zen. Izeba Sally eta Bennyk osabarengana salto egin zuten, negarrez eta aieneka besarkatzen eta lepotik heltzen zioten. Eta izeba Sally garrasika hasi zen: — Alde hemendik!, ez duzue eramango, ez duzue harrapatuko. Eta beltzak taldeka eta orroka etorri ziren ate aldera... eta, tira, ezin nuen jasan. Aski zen pertsona bakar baten bihotza puskatzea. Horregatik, hanka egin nuen. Herrixkak gela bakar bateko kartzela zuen. Hara eraman zuten, eta denok joan ginen agurtzera. Ausarta zebilen Tom. — Gau ilun hauetako batean — esan zidan — arriskutsua izango duk, baina aukera aparta izango diagu osaba Silas hemendik ateratzeko, eta horrela, gure ekintza handi hori alde guztietan aipatuko ditek, eta oso ospetsuak izango gaituk. Baina agureak ez zuen plan hura ontzat hartu. Tomek belarrira kontatuz batera ukatu zuen. Inola ere ez, esan zuen, bere eginbeharra legearen pisu osoa onartzea zela, eta kartzelan jarraituko zuela azkeneraino, handik bizirik ateratzen bazen ere. Honek Tom atsekabetu eta izugarri triste utzi zuen. Baina agindu haien aurrean burua makurtu beharra izan zuen. Baina Tomi bere errua zela iruditzen zitzaion, eta agurea askatu egin behar zuela, eta horixe esan zion izeba Sallyri, honek pena ez izateko, eta Tom bera gau eta egun arituko zela, jokoa argitu, eta osaba Silas errugabea zela ari eta garbi utzi arte. Atsoa oso maitagarri izan zen Tomekin, eskerrak eman zizkion, eta bazekiela, esan zuen, ahal zuen guztia egingo zuela. Bennyri etxea eta haurrak zaintzen laguntzeko eskatu zigun, eta erdi negarrez agur eginik landetxera itzuli ginen, atsoa kartzelatzainaren emaztearen etxean utzita. Harekin bizi izan zen hilabete batez, urrian auzia hasi arte. HAMAIKAGARREN KAPITULUA Bai, jaunak, ederra izan zen benetan hilabete hura gu guztiontzat! Benny gaixoa nolabait saiatzen zen, eta Tom eta biok ere egiten genituen gure ahaleginak etxeko lasaitasunari eusten; ezin, ordea, igarriko diozuenez. Horixe bera gertatzen zen espetxean ere. Egunero joaten ginen zaharrak ikustera, baina hura benetan gauza tristea zen. Osaba Silasek lo gutxi egiten baitzuen, eta indarrik gabe egoten zen; burua nahastu egin zitzaion, eta zoritxarrak bere onetik atera eta hilko ez ote zuen pentsatzen hasi ginen. Gogor egiteko eta animoak hartzeko esaten genionean burua dantzatu eta balantzatu besterik ez zuen egiten. Bihotzean hilketa baten pisua eramatea zer den jakingo bagenu, horrela ez ginatekeela mintzatuko esaten zigun. Tom eta guk guztiok berehala erantzuten genion gertatua ez zela hilketa izan, ustekabeko eta nahigabeko heriotza izan zela, etab... Baina hark ez zuen alderik ikusten. Auzi eguna hurbildu ahala, gero eta tolesgabeago eta zintzoago agertzen zen, ikusten duzue ongi, arazoa zegoen baino mila aldiz okerrago jartzen baitzuen jokabide horrekin, eta izeba Sallyrentzat eta Bennyrentzat ez baitzegoen kontsolatzeko modurik. Hala ere, agureak hitz eman zigun jendearen aurrean ez zuela ezer esango, eta horrek asko poztu gintuen. Tom Sawyer hor ibili zen hilabete osoan osaba Silasen aldeko plan bat prestatzeko asmoz burua estutzen eta hausten. Askotan gau osoan esna edukitzen ninduen bere lan aspergarri harekin, baina bazirudien bide zuzenik ez zuela asmatzen. Nire aldetik, burua haustea alferrik nuela pentsatu nuen, auzia beltz-beltza baitzegoen, eta ez nuen batere itxaropenik. Tomek, berriz, lehengo lepotik burua, setatsu beti. Beste gauzarik ez zuen kaskoan, planak egin, pentsatu, garunak urtu, horixe zuen bere bizimodua. Iritsi zen azkenik auzi eguna, urriaren erditsuan, eta denok auzitegira jo genuen. Bete-beterik zegoen, pentsatzekoa denez. Osaba Silas gaixoa! Pertsona biziarena baino gorputz hilaren antz gehiago zuen. Begizulo handiak, meharra, tristea, penagarria benetan. Benny bere albo batean eseri zen eta izeba Sally bestean, biak buru zapiz estalita, eta atsekabeak zapalduta. Baina Tom gure abokatuaren ondoan eseri zen, beti bezain lotsagabe, uste izatekoa zen bezala. Abokatuak ez zion eragozpenik ipini, eta epaileak ere ez. Batzuetan, Tomek abokatuari paperak eskutatik kentzen zizkion, eta oso ederki egina iruditzen zait gainera, sasiletradu hura oso inozoa baitzen, euria ari zuela juxtu-juxtu etxera sartzen zekiena, jende arruntak esaten zuenez. Juratukoei zina hartu ondoren fiskala hasi zen hizketan. Halako txosten ikaragarri bat egin zuen agurearen aurka; hainbesterainokoa, ze hau intzirika eta zotinka jarri baitzuen, eta Benny eta izeba Sally negar batean. Erailketa azaltzeko zuen moduak txundituta eta zorabiatuta utzi gintuen denok, agureak kontatua zeharo bestelakoa baitzen. Esan zuenez, baziren bi lekuko osaba Silas Jupiter Dunlap hiltzen ikusi zutenak; ongi pentsatu eta nahita hil zuela, eta osaba Silasek Jupiter hil behar zuela argi esan zuela makilaz jo baino pixka bat lehenago. Jupiter sasi artean gorde zuenean ere ikusi omen zuten lekukoek, eta seko hilda zegoela ere ikusi omen zuten. Gainera, osaba Silas geroxeago itzuli eta Jupiterren gorpua arrastaka eraman omen zuen tabako sororaino, bi gizonek ikusi omen zuten langintza horretan. Azkenik esan zuenez, osaba Silas gauez itzuli eta gorpua lurperatu omen zuen, eta honetan ere ba omen zen gizon bat ikusi zuena. Nire buruari esan nion gure agure gaixoa, inork ikusiko zuenik pentsatu ez zuelako, gezurretan ariko zela, izeba Sally eta Bennyri bihotza ez urratzearren edo, eta honetan behintzat erdi erdian asmatu zuen. Neronek ere beste horrenbeste egingo nuen, gezurrak esan, eta sentimendu oneko edozein pertsonak berdin jokatuko zuen, emakume gaixo haiei berez ez zuten zoritxarra eta samina saihesteko. Hortaz, bada, gure abokatua zer esan ez zekiela geratu zen, eta Tom bera ere une batez larri sentitu zen, baina berehala bere buruaz nagusitu eta lasai itxura egin zuen, baina nik banekien ez zegoela horrelakorik. Hotzikara batek dardaratu zuen jende guztia Abokatuak juratukoei zer frogatu nahi zien adierazi zienean, eseri eta lekukoen txanda iritsi zen. Lehendabizi fiskalari egokitu zitzaion. Lekuko pila bati deitu zion, hildakoaren eta osaba Silasen artean gorrotoa zela frogatzeko. Lekukoek osaba Silas hildakoa mehatxatzen ikusi zutela jakinarazi zuten, eta hildakoak bere bizia arriskuan ikusten zutela, eta haietako bizpahiruri esan ziela ziur zegoela lehenago ala beranduago osaba Silasek hil egingo zuela. Tomek eta gure abokatuak galdera batzuk egin zizkieten, baina alferrik izan zen, ez baitzuten esandakorik ukatu. Gero Lem Beeberi egin zioten deia, eta deklaratzera agertu zen. Orduan gogoratu nintzen gau hartan Lem eta Jim Lane pasatu zirela, Jupiter Dunlapi zakurra edo beste gauzaren bat eskatu behar ziotela esanez. Masustak eta linterna ekarri zizkidan horrek burura, eta hauek Bill eta Jack Withers gogorarazi zizkidaten, osaba Silasi garia lapurtzen zion beltz batetaz hitz egiten pasa baitziren gure ondotik; horrek berriz, gure adiskide mamua gogorarazi zidan, horrenbeste izutu gintuena, eta gure albotik ia ordu berean pasa zena... Eta hantxe zegoen mamua ere, eta modu berezian gainera, gormutua eta kanpotarra izateagatik; aurreko aldean aulki bat jarri zioten, eserita lasai egon zedin. Horrela, garai hartan gertatutako guztia gogoratu nuen, eta horrek ilundu egin zidan animoa, aurretik zein ederki eta geroztik zein gaizki bizi ginen pentsatuaz. Lem Beebek zin egin, eta horrela hasi zen: Banentorren etxera egun hartan. Irailaren bia zen, eta Jim Lane nirekin zetorren. Ilunabarrean gogor hitz egiten entzun genuen, errietan bezala. Ber bertan ginen, eta hurritz adarrak besterik ez zegoen tartean (hesiaren luzeran gindoazela esan nahi du honek), eta ahots bat honako hau esaten entzun genuen: “Behin baino gehiagotan esan dizut hilko zaitudala”, eta preso horren ahotsa ezagutu genuen; gero adarretatik gora makila bat ikusi genuen altxatzen, gero, jaitsi ahala, kolpe bat entzun genuen, gero intziri pare bat, hiru bat; hanka puntetan jarri eta biktima nor zen ikusi nahi izan genuen, eta Jupiter Dunlap ikusi genuen, lurrean hilda. Preso hori bere aldamenean zegoen, zutik, makila eskutan zuela. Handik gutxira hildakoa hartu eta arboladi batera arrastaka eraman zuen, eta bertan ezkutatu zuen. Gu makurtu egin ginen, ez genuen hark ikusterik nahi, eta gero alde egin genuen. Ikaragarria zen. Deklarazio hark jende guztiaren odola jelatu zuen, eta Beebe hizketan ari zen bitartean, isiltasun gaitza sentitzen zen auzitegi osoan, inor ez balego bezala. Bukatu zuenean negar zotinak entzuten ziren areto osoan, eta denek elkarri begiratzen zioten, esanez bezala: “Ez al da, gero, ikaragarria? Ez al da dardarka jartzeko modukoa?” Orduantxe, bitxikeria batek harrituta utzi ninduen. Aurreneko lekukoak gorrotoaz eta mehatxuez hitz egiten ari ziren bitartean, Tom Sawyer haiei begira zegoen, erne eta oso kementsu. Eta bukatu zutenean gogor eraso zien gezurretan harrapatu eta haien esanak gaitzetsi nahiz. Baina oraingoan oso bestela ari zen. Lem deklaratzen hasi, eta ez Jupiterrekin hitz egin nahi zuela, ez zakurra eskatu nahi ziola aipatu ez zituenean, Tom adi-adi jarri zen gezurren batean harrapatu nahian, eta bazirudien berriro galdezka hasiko zitzaiola, buruz buru borrokatuz. Eta nik uste nuen ondoren biok elkarrekin deklaratu beharko genuela, eta Beeberi eta Jim Laneri entzun genizkien hitzak esango genituela. Baina Tomi berriro begiratu nionean hotzikarak sentitu nituen. Oso pentsakor eta kopetilun zegoen... arima handik kilometrotara balu bezala. Lem Beebek esaten zituen hitzetatik bakar bat ere ez zuen entzuten; hark bukatu zuenean, Tomek lehengo jarreran jarraitu zuen oraindik puska batean. Gure abokatuak ukitu zuen, eta orduan Tomek, beldurra aurpegian marrazten zitzaiola, burua altxatu eta esan zion: — Har ezazu lekukoa zure kontura, iruditzen bazaizu... Utz nazazu bakean... Mesedez, utz nazazu, orain pentsatu beharra dut... Zoratuta geratu nintzen. Ezin nuen ateraldi hura ulertu. Eta Benny eta bere ama, ah!, ba zirudien gaixoak bezala larrialdiak jan behar zituela. Buru zapiak pixka bat baztertu zituzten, alde batera jarriz, eta Tomen begiratua berenganatzen ahalegindu ziren. Alferrik, ordea. Neuk ere ezin nuen begiratu hura topatu. Gure uso inozoak, beraz, lekukoa erasotu zuen, baina ez zuen ezer garbirik atera, gure abokatua bera ere nahastu egin baitzen. Ondoren Jim Laneri deitu zioten. Aurrekoa bezalaxe mintzatu zen. Tomek ez zion Laneri ere hitzik entzun, setatsu jarraitzen zuen bere pentsakizunetan, laino artean, ametsetan balego bezala. Beraz, uso inozoa bakarrik aritu zen berriro, eta lehen bezain trakets ibili zen. Fiskala pozik zegoen, epailea ez ordea, haserre ematen baitzuen. Tom abokatu tituluduna bezala zen (Arkansasko legeak defendatzailearen laguntzat edozein aukeratzeko eskubidea ematen baitio akusatuari), eta osaba Silasek horretarako Tom aukeratu baitzuen. Tom, ordea, dena hondatzen ari zen, eta aise ulertuko duzue epaileari zenbateko grazia egiten zion gauzak. Gure usoa Lem eta Jim zirikatzen ahalegindu zen, baina hona atera zien gauza bakarra. Honela galdegin zien: — Zergatik ez zenuten ikusi zenutena orduan esan? — Beldur ginen arazo horretan sartzeko. Gainera, ibai ondoko bidetik gentozen, aste beteko ehizara joateko asmoz. Baina itzuli ginenean, gorpuaren bila ari zirela jakin genuen, eta orduan Brace Dunlapengana joan ginen, eta genekien guztia kontatu genion. — Noiz izan zen hori? — Irailaren 9ko larunbat gauean. Epaileak ozenki esan zuen: — Atzeman eta lotu itzazu bi lekukook, hilketa ezkutatzeko susmoarengatik. Fiskalak jauzi batez zutik jarri, eta sutan balego bezala esan zuen: — Jaun agurgarria! Protesta egiten dut agindu harrigarri horren... — Eseri! — esan zuen epaileak, bere mailuaz mahai gainean jota — , begirunea zor diozu epaimahaiari. Horrela egin zen, eta gero Bill Withersi deitu zioten. — Irailaren 2ko arratsean edo, preso honen soro ondotik nindoan; eta Jack nire anaia ere nirekin zihoan. Gizon bat ikusi genuen, bizkarrean zerbait zeramala, eta gari lapurretan ari ote zen beltzen bat iruditu zitzaigun, baina ezin izan genuen garbi ikusi. Geroago konturatu ginen gizon hark norbait zeramala bizkarrean. bizkarrean. Gainekoa zintzilik nola zihoan eta besteak nekez zeramala ikusi genuen, eta mozkorren bat izango zela iruditu zitzaigun. Ibilerarengatik Silas erretorea zela iruditu zitzaigun, eta bidean Sam Cooper mozkorrik aurkituko zuela pentsatu genuen — hari beti zintzotzeko esanez ari baitzen — eta arriskurik izan ez zezan eramango zuela edo... Osaba Silas gorputza tabako sororaino, zakurrak aurkitu zuen tokiraino eramanez... Pentsamendu horrek entzule guztiak ikaratu zituen. Baina haien aurpegietan ez zen inolako errukirik azaltzen. Haietako bati hau entzun nion: — Nik sekula entzun izan dudan hilketarik odol hotzezkoena da hau; hildakoa modu horretan eraman eta lurperatzea! Eta nork eta sermolariak, gainera! Eta Tom, artean, pentsatu eta pentsatu, ezertaz konturatu gabe. Beraz, gure abokatuak galde eta galde ekin zion testiguari; ahal zuena egin zuen, ezer gutxi, noski. Ondoren Jack Withers aurkeztu zen, eta Billek esandako gauza berberak errepikatu zituen. Haren ondoren Brace Dunlap aurkeztu zen. Izugarri triste zirudien, ia negarrez. Inguruan zirrara bat, marmar hotsa entzun zen. Jende guztia erne eta adi-adi zegoen, eta herriko emakume batzuek honela zioten: — Gaixoa, gaixoa! — gehienek negarrez —. Brace Dunlapek zin egin zuen: Aspaldidanik nengoen kezkatsu, nire anaia zela eta, baina ez nuen sekula pentsatzen horrelako gauzarik gertatu behar zitzaionik. Jupiter bezalako ogi puska bati inork minik egiteko kemenik izango zuenik, nork pentsatu? — Une honetan ziur nago Tom axaletik dardarka ikusi nuela, baina momentu baterako lehen bezain muturturik geratu zen, eta, pentsatuko duzuenez, nik ere ezin nuen pentsatu sermolari batek gaiztakeriarik egingo zionik, ez baitzen erraza horrelako gauza itxuragaberik bururatzea. Horrela, bada, ez nion gehiegizko garrantzirik eman bere egoerari. Orain, berriz, ez diot nire buruari sekula barkatuko! — Bestela jokatu izan banu, orain nirekin egongo litzateke nire anaia gaixoa! Hemen guztiz lur jota agertzen zen, ito egiten zen, eta pixka batean isilik geratu zen. Jendeak errukizko hitzak esaten zituen, eta emakumeak negarrez zeuden. Isiltasun handia nagusitu zen aretoan eta osaba Silas zoritxarrekoak berebiziko intziria bota zuen, denek entzuteko ahalakoa. Gero Bracek hizketan jarraitu zuen. — Irailaren 2an Jupiter ez zen afaltzera etorri. Larritzen hasi nintzen, eta nire beltzetako bat auzipetu horren etxera bidali nuen, baina han nire anaiarik ez zegoela esanez bueltatu zen. Oheratu nintzen, baina loak ezin hartu. Kanpora atera nintzen, gaua oso aurreratua zen, eta paseatuz auzipetu horren etxeraino joan nintzen. Luzaro samar ibili nintzen inguru haietan, nire anaia ikusiko nuelakoan; ez nuen pentsatzen ordurako munduko pena guztietatik libre zegoela jadanik, beste mundu hobe batean zegoela... Ahotsa berriro itota geratu zitzaion eztarrian, eta isildu egin zen. Emakume gehienak aieneka hasi ziren berriro. Berehala bere buruaz nagusitu, eta jarraitu egin zuen. — Dena alferrik izan zen, ordea. Etxera itzuli nintzen eta loak hartzen saiatu, baina dena alferrik. Egun baten edo biren buruan jende guztia larri zen, eta preso horren mehatxuak aipatzen ziren, errezeloa edo adieraziz, bururatu ere ez zitzaidana, nire anaia hil egin zutela. Denak gorpuaren bila hasi ziren orduan, baina ez zuten aurkitu, eta lan hori alde batera utzi zuten azkenean. Jupiter egun batzuk nonbait igarotzera joana izango zela pentsatzen nuen nik, eta, bere atsekabeak pasatu ondoren, lasai etorriko zitzaigula. Baina ilaren 9ko larunbat gauean Lem Beebek eta Jim Lanek dena kontatu zidaten... hilketa izugarri horren berri eman zidaten. Bihotza bertan hautsi zitzaidan. Une batean xehetasun bat gogoratu zitzaidan, ordura arte erreparatu ez nuena: preso hori ametsetan paseatzen zela esaten baitzen, eta gauza bitxitan aritzen zela, nahiz eta zer egiten zuen inork ez jakin. Azalduko dut burura zer etorri zitzaidan. Larunbat beldurgarri hartan gau betea zela, eta preso horren etxe inguruan benetan triste nenbilela, aitzur hotsa entzun nuen tabako soro bazterrean. Makurtu eta hesi artetik begira hasi nintzen, eta preso hori zulo bat egiten ikusi nuen... kirten luzeko pala batez... eta berriro estaltzen. Bizkarra ematen zidan, baina ilargi bete-betea zen eta bere bata berdea ikusi nuen. Garbitu zuen gizona lurperatzen ari zen! Eta hau esanik aulki gainean erori zen, intzirika eta arrantzaka. Ia jende guztia negar zotinka hasi zen, oihuka. — 0h, izugarria, ikaragarria da! Zirrara gaitza izan zen, eta inork ere ezin zuen burua garbi eduki. Eta orduan, osaba Silasek, bat-batean jaiki, txuri- txuri eginda, eta hona zer dioen: — Hori dena egia da!... Hotz hotzean hil nuen! Arraioa! Harri eta zur utzi gintuen! Denak zutitu ziren areto zabal hartan. Hura ikusteko lepoa luzatzen zuten. Epaileak mahaia mailuka dantzatzen zuen; sheriffa, berriz, garrasika: — Ordena!... Ordena guztiek!... Bitartean agurea zutik, dardaraz, begietan tximistak zituela, bere emazteari eta alabari ere begiratu gabe (besarkatzera joan baitziren, isiltzeko eskatuz). Eskuekin uxatu egiten zituen, eta bere hilketa hartatik bere arima beltza garbitu nahi zuela, eraman ezinezko zama hura bere gainetik aldendu nahi zuela, esanez. Gero, amorratuta, hizketan hasi zen, eta dena kontatu zuen, epaileak, juratukoek, lege-gizonek eta jende guztiak arnasestuka begiratzen ziotela. Izeba Sally eta Benny, berriz, penarik handienez, negarretan. Eta harritzeko gauza! Tom Sawyerrek ez zion ezertarako ere begiratu! Nola, gainera, begiak finko jarrita baitzeuzkan nonbait, ez dakit non. Beraz, agureak bereari eutsi zion, hitzak suzko erreka bat bezala borborka atereaz. — Nik hil nuen! Erruduna ni naiz! Baina ez nuen sekula horretarako asmorik izan (nire mehatxu direlako horiek gezur galantak dira), mailua altxa nuen arte... Orduan bihotza izoztu egin zitzaidan... sentimendu on guztiek niregandik alde egin zuten, eta hiltzeko asmoz jo nuen. Une hartan gogoan neuzkan bere gaizki esan guztiak, bere irain guztiak, eta haren anaia gizatxarrarenak, hortxe dagoen horrenak. Oroitu nintzen bi horiek nola konpondu ziren jendearen nirekiko maitasuna itzaltzeko, eta horrela ni ekintza gaizto batetara bultzatzeko, ni eta nire sendia hausteko, nahiz eta guk horiei inolako kalterik egin ez, Jainkoa lekuko. Eta hori dena mendekuz nahi zuten... Zergatik? Nire alaba garbi errugabeak, nire ondoan dagoen neskatila honek uko egin baitzion Brace Dunlapek berekin ezkontzeko zuen gogoari, ez zuen beldurti kankailu horrekin ezkondu nahi izan... eta gaur hona marruz etorri zaigu, beti bost axola izan zaion anaiarengatik... (puntu honetara iristean, Tomek salto bat egin zuen, eta orduan alai agertu zen zalantzarik gabe)... Eta esan dizuedan unean Jainkoaz ere ahaztu nintzen, nire arimako garraztasuna bakarrik nuen kontuan... Jainkoak barka nazala! Eta hiltzeraino jo nuen. Bertan behera damutu zitzaidan... Oh, bai!, baina nire familia gaixoa bururatu zitzaidan, eta horrengatik ezkutatu behar izan nuen egin nuena. Sasi artean sartu nuen gorpua, eta ilundu ondoren, aitzurrarekin itzuli eta gorpua lurpean sartu nuen. Tomek jauzi bat egin, eta oihuka esan zuen: — Orain... badauzkat hari mutur guztiak! — eta eskua, beti ere keinu dotorez, agurearengana zuzenduz, honela jarraitu zuen: — Eseri zaitez! Hilketa bat izan zen, bai, baina zuk ez duzu horrekin zerikusirik! Une hartan orratz bat erortzen ere entzun zitekeen. Agurea, txundituta, aulki gainera erori zen. Izeba Sally eta Benny aho zabalik geratu zitzaizkion, harri eta zur, zer gertatu zitzaien ere asmatu ezinda. Eta hori bera gertatu zitzaien han zeuden guztiei ere. Hura bezalako jende nahasturik ez dut inoiz ikusi, ezta haiek bezalako begi zorrotz eta tinkorik ere. Tomek lasaitasun harrigarriz jarraitu zuen: — Hitz egin al dezaket, jaun agurgarria? — Bai, alajainkoa!... bai. Aurrera! — erantzun zion epaileak, besteak bezala harriduraz jelatuta —. Tom zutik zegoen. Segundo pare bat itxaron zuen, efekturen bat lortzeko, berak zioenez, eta gero bere patxada zahar harekin esan zuen: — Orain dela bi aste auzitegi honen aurrealdean iragarki bat jarri zen San Luisen lapurtutako bi diamante lodi ekartzen zituenari bi mila dolarreko saria eskainiz. Diamante horiek hamabi mila dolar balio dute. Baina utzi dezagun hori alde batera, une egokia iritsi arte. Goazen orain hilketarekin. Horri buruz guzti guztia kontatuko dizuet, alegia, nola gertatu zen, nork egin zuen... xehetasun guztiak. Ikusi bazenute, ikusi, jende guztia zalapartan, adimena zorroztu eta dena ongi entzuteko egoki esertzen... — Hor ikusten duzuen gizon hori, — hasi zen Tom — Brace Dunlap hori, marraskan etorri zaigu denon aurrera, denok dakigunez tutik ere axola ez zaion anaiarengatik. Gizon horrek hemen ikusten duzuen neskatila honekin ezkondu nahi zuen, eta baiezkoaren ordez, ezezko borobila jaso zuen. Horregatik, mendeku izugarria hartuko zuela adierazi zion Bracek osaba Silasi. Osaba Silasek ongitxo zekien Dunlapen ahalmen eta diru pilaren handia. Bazekien Dunlapen aurka borrokan hasiz gero, hark zapaldu egingo zuela. Horregatik, kezka lazgarritan bizi zen, baina ahalegin guztiak egin zituen Dunlap lasaitu eta adiskidetzeko. Jupiter, haren anaia, ezertarako gauza ez zena ere, landetxean enplegatu zuen, eta jornala ematen zion, nahiz eta hari ordaintzeko osaba Silasen sendia estu-estu jarri. “Jupiterrek, bere anaiak zirikaturik, ahal zuen guztia egiten zuen agurea nazkatzeko, eta honek jo zezan, modu horretara herri honetako jendea gure osabaren aurka jarriko baitzen. Eta horrela gertatu zen, gertatu ere. Mundu guztia etsaitu zitzaion, gauza ikaragarriak esaten zizkioten; gure osabaren bihotza urratuz eta hautsiz zihoan. Bai, barren barreneraino mindu eta sutu zuten, eta horregatik askotan ez zekien burua non zeukan ere. “Goazen aurrera. Zoritxar guztiak ekarri dizkigun larunbat hartan, hemen azaldu diren lekukoetako bi, Lem Beebe eta Jim Lane, osaba Silas eta Jupiterren ondotik pasa ziren. Horiek lanean ari ziren... “Esan duten guztitik hau bakarrik da egia, eta gainerako guztia gezur hutsa. Ez zioten entzun osaba Silasi Jupiter hilko zuenik. Ez zuten entzun inongo kolperen hotsik. Ez zuten ikusi osaba Silas sasi artean ezer ezkutatzen. Begira iezaiezue orain! Hortxe daude, mingaina gehiegi askatu dutelako damututa. Nolanahi ere, damutuko zaizue ederki nik bukatu aurretik. “Egun hartan, larunbat gauean Bill eta Jack Withersek gizon bat ikusi zuten, bizkarrean beste bat zeramala. Esan duten gainontzeko guztia gezur hutsa da. Hasieran beltz bat zela uste zuten, osaba Silasi garia lapurtzen edo ari zena... Begira, begira, bi gizon horiek zein harrituta dauden norbaitek beren hitzak entzun zizkielako. “Izan ere bi horiek ongitxo dakite bestea arrastaka zeramana nor zen, eta oso ongi dakite baita ere (nahiz eta hemen osaba Silas zela zin egin duten) hura ez zela osaba Silas... oso ongi zekiten hori zin egin dutenean ere. “Norbaitek ilargiaren argitan hildakoa lurperatzen zuela ikusi zuen gizon batek. Baina lurperatzailea ez zen osaba Silas, ordu hartan ohean baitzegoen. “Orain, aurrera egin baino lehen, galdera bat egin behar dizut zuri, jaun agurgarri horri: konturatu al zara inoiz pertsonak buruhausteren batean edo larri daudenean, ohartu gabe behatzekin zerbait egiten aritzen direla? Batzuk sudurrean hazka aritzen dira. Beste batzuk bizarrari tiraka. Beste batzuk kateren batekin jostatzen ibiltzen dira. Badira masailean, kokotxean edo ezpainetan zenbakiren bat edo letraren bat egiten dutenak ere. Neuk ere hori egiten dut: letra pare bat egiten dut, VV handiak, bai masailean, bai kokotxean, bai ezpainetan, haserre edo pentsakor nagoenean, eta gehienetan ez naiz konturatu ere egiten letrak egiten ditudanik”. Harritzekoa, neuk ere berdintsu egiten dut, baina 00 idatziz. Jendeari erreparatu nion, eta mundu guztiak buruarekin baietz esaten zuen, “egia da hori” aitortuz bezala. — Horrela, bada, jarraitu zuen Tomek — , larunbat hartan (ez, aurreko gauean) lurrunontzi bat iritsi zen Flager’s Landingera, hemendik berrogei miliara; sekulako euri zaparrada ari zuen, trumoiak nahi adina. Ontzian lapur bat zetorren, etxe honetako atarian iragarrita dauden diamanteak zeuzkana. Lapurrak bere maletatxoarekin lehorrera salto egin, eta korrikari eman zion ekaitzpe ilunean. Herrixka honetara iritsi nahi zuen, hemen lasai eta libre biziko zelakoan. Lurrunontzian ba zebiltzan, ordea, ezkutuan bere bi lagun, haren zelatari. Bazekien hark aukera baldin bazuten bertan hilko zutela, diamanteez jabetzeko. Diamanteok hiruren artean lapurtu baitzituzten, eta gero, aipatu dudan lagun horrek hanka egin zien, diamanteak hartuta. “Hamar minutu ez ziren pasa beste biak lagunak ihes egin ziela konturatu zireneko. Lehorrera salto egin, eta haren atzetik ekin zioten. Ziur aski pospoloak piztu eta arrastoak ikusi zituzten. Dena dela, larunbat osoan segi zioten, hura konturatu gabe. “Ilunabarrean gizon hura basabiondo baratzetxora iritsi zen, osaba Silasen tabako soro ondoan dagoen hartara. Han sartu eta, bere maletatxotik, mozorro jantzi bat atera zuen, herrixkan inork ikusi baino lehen janzteko... “Eta kontuan har ezazu, jaun agurgarria, osaba Silasek Jupiterri makilakada bat jo baino geroxeago izan zela hau, egia baita makilaz jo zuela. “Baina lagunek lapurra basabiondo basotxoan sartzen zela ikusi zutenean, sasi artetik irten eta haren atzetik sartu ziren. “Biktimaren gainera jauzi egin, eta hiltzeraino egurtu zuten. “Bai, jaunak; nahiz eta erreguka eta oihuka aritu, ez ziren hartaz errukitu, eta hil arte makilaz egurtu zuten. Orduan, bidetik zihoazen bi gizonak, oihu haiek entzun eta, basabiondo basora sartu ziren. Lapurrek korrika alde egin zuten haiek ikusita, baina gizonek atzetik segitu zieten. “Baina guzti honetan minutu pare bat besterik ez zen igaro. Azkenik iritsitako bi gizonak nekatu egin ziren besteei segika, eta, soseguz, itzuli ziren berriro basabiondo artera sartzeko. “Zer egin zuten orduan? Nik esango dizuet zer egin zuten. Lapurrak mozorro-jantzia maletatxotik aterata zuela ikusi zuten, eta haietako batek hartu eta jantzi egin zuen. Tomek isilune bat egin zuen une horretan, beste efekturen bat lortzeko, ziur aski. Gero berriro hasi zen: — Nor izan zen hildakoaren mozorroa jantzi zuena? Jupiter Dunlap bera...! — Arraioa! — esan zuten denek —. Silas agurea aho zabalik geratu zen. — Bai, Jupiter Dunlap izan zen. Ulertuko duzuenez ez dago hilik. Gero botak kendu zizkioten, eta Jupiter Dunlapek hildakoarenak jantzi zituen, bereak hildakoari jarriz. Jupiter Dunlap han gelditu zen, eta beste gizonak lapurraren gorpua eraman zuen. Gauerdiz osaba Silasen etxera joan zen, bata berdea hartu, jantzi eta kirten luzeko aitzurra hartuz, tabako sorora joan, eta han lurperatu zuen hildakoa. Hona iritsi zenean, minutu erdiko pausaldia egin zuen. — Eta nor uste duzue zela hildakoa?... Jake Dunlap, jendeak aspaldi hilik zela uste zuena. — Arraioa! — Eta lurperatu zuena Brace Dunlap bere anaia izan zen. — Arraioa! — Eta nor uste duzue dela keinuka ari den inozo hori, azkeneko asteotan kanpotar eta gormutu itxurak egiten ari dena?... Horixe da Jupiter Dunlap!... Deiadarka hasi ziren denak. Benetan esaten dizuet ez duzuela sekula ikusi horrelako iskanbilarik. Tom jauzi batez Jupiterri hurbildu zitzaion, betaurrekoak eta gezurrezko bizarrak kendu, eta hara non ikusten dugun hildakoa, beste edozein bizi bezain bizirik. Izeba Sally eta Benny osaba Silasi laztanka eta musuka hasi zitzaizkion, oihuka eta losintxaka, eta agurea inoiz baino nahastu eta zoratuago, badela, gero, nahikoa. Berehala jendea garrasika hasi zen: — Tom Sawyer! Tom Sawyer! Ixo denak! Utzi Tom Sawyerri hitz egiten! Aurrera, Tom Sawyer! Horrekin harro-harro jarri zen, herriaren salbatzaile eta heroi bezala agertzea baita Tom Sawyerrentzat pozik handiena, berak dioenez. Hortaz, bada, denak apur bat lasaitu zirenean, berriro ekin zion hariari: — Ia bukatzera noa. Badirudi Brace Dunlapek osaba Silas lepo-lepo egin zuenean, burua galdu eta haren anaia jotzeraino, bere ordua iritsi zitzaiola, bere aukerarik onena iritsi zitzaiola. “Jupiter basoan ezkutatuko zen, gauez lurralde honetatik ospa egiteko, susmoa dudanez. Orduan Bracek osaba Silasek hil zuela sinestaraziko zion jende guztiari, eta gero nonbait estali zuela. Horrela osaba Silas zanpatzen zuen, eta urkatzen ez bazuten, herritik kanpora bidaliko zuten behintzat. “Plan hau antolatu zutela uste dut, baina beste anaia, basabiondoen artean hilda topatu zutenean, ez zuten ezagutu, itxura oso aldatua baitzuen, baina beste gauza bat, hobea, pentsatu zuten: biak mozorroz jantzi, eta Jake lurperatu, eta geroago Jupiterren jantziekin atera lurpetik. Gainera, Jim Lane, Bill Withers eta gainerakoak diruz erosi, hola-halako gezurrak esan zitzaten, eta horixe egin dute. Hor dituzue. Lehen ere esan dut nik hizketan bukatu orduko ongi damutuko zitzaiela gehiegi hitz egina. “Hortaz, bada, Huck Finn eta biok lurrunontzian etorri ginen lapurrekin, eta orain hilik dagoenak kontatu zigun diamanteena. Bazekien besteek aukera bazuten hilko zutela. Huck eta biok ahal genuen guztian lagunduko geniola hitz eman genion. “Basabiondo basora joan ginen eta hil egin zutela iruditu zitzaigun. Baina biharamunean itzuli ginenean han hilik ez zela konbentzitu ginen. Eta Jupiter Dunlap Jakek zuen mozorro berarekin jantzita ikusi genuenean, Jakek berak aurrez esan bezala, gor mutuarena egiten ari zela iruditu zitzaigun. “Bai, jaun-andreok; Huck eta biok buru belarri aritu ginen hildakoaren gorpuaren bila, nahiz eta besteak nekatu eta utzi, eta azkenean aurkitu egin genuen. Harro geunden horregatik, baina osaba Silasek jelatuta utzi gintuen hildakoa berak hil zuela esan zigunean. Ederki damutu zitzaigun orduan gorpua aurkitu izana. Eta osaba Silasen lepoa salbatzea erabaki genuen. Lan zaila benetan. Osabak ez baitzuen kartzelatik indarrez ateratzerik. Ez ahaztu Sim gure agure beltza ere horrela atera genuela. Hilabete osoan gogor saiatu naiz osaba Silas salbatzeko moduren baten bila, baina ez zitzaidan ezer jatorrik bururatzen. Eta horrela, esku hutsik etorri naiz gaur auzitegi honetara, inondik ere itxaropen izpirik ikusten ez nuela. “Hala ere, kolpetik zer edo zerk atentzioa eman dit, eta, horrek eraginda, pentsatzen, ohartzen eta begiratzen hasi naiz, nahiz eta denei pentsatzen bakarrik ari nintzela iruditu. Eta gero, osaba Silasek “berak hil zuela” kirtenkeria hura esan duenean, gauza bera ikusi dut berriro, eta orduan jaiki naiz eta epaiketa hautsi dut, banekiela une horretan Jupiter Dunlap begien bistan nuela. “Keinu batengatik ezagutu dut... buruan ondo sartuta baitu. Orain dela urtebete hemen egon nintzenean ere keinu horixe bera egiten ikusi nuen. Tom berriro isildu zen, eta minutu batean pentsatzen egon zen, efektua lortzeko berriro ere. Ederki konturatu nintzen. Gero bueltatu egin zen, hitz egiteko tokitik alde egingo balu bezala, eta doinu nekatu axolagabe batez esan zuen: — Uste dut hori dela guztia. Hura bezalako zaratarik ez duzue zuek sekula entzun! Jende guztia ari zen iskanbilan. — Zer keinu ikusi diok? Geldi hortxe! Zirikatu ondoren isilduko haizela uste al duk? Zer egin du? Jakin egin nahi dugu! Agerikoa da Tomek nahi zuen efektu hura lortu zuela. Idi pare batek ere ez zuen handik aterako. — Oh, ez da beste munduko gauza — esan zuen —. Nahastu samar ikusi dut Jupiter Dunlap, agian osaba Silas egin ez duen hilketa batengatik urkamendira eramango zuela pentsatuz edo. Geroz eta larriago zegoen, eta nik ez nizkion begiak gainetik kentzen, nahiz eta itxuraz ez egon hari begira... Ustekabean bere eskuak lanean eta dantzan jarri ditu, eta berehala ezkerreko eskua jaso eta masailean gurutze bat egin du. Horretantxe harrapatu dut. Txundituta, oihuka eta txaloka hasi ziren berriro denak. Eta jakina, Tom harro eta zoriontsu, bere buruaz zer egin ez zekiela. Gero, epaileak, mahaira begira tinko jarririk, esan zuen: — Entzun, semetxo; azaldu dituan azpijoko odoltsu guzti horien xehetasunak ikusi al hituen hik? — Ez, jaun agurgarria; ikusi-ikusi, ez dut batere egin. — Bakarrik ere ez! Istorio hori dena geldiunerik gabe kontatu duk, bada, heure begiez ikusi izan bahu bezalaxe. Nola moldatu haiz? Tomek trebe eta lasai erantzun zion: — Bada... aztarrenei erreparatuz eta hari-muturrak lotuz, jaun agurgarri hori. Polizia lan arrunt bat, inolaz ere. Edonork egiteko modukoa. — Ez, horregatik! Milioi bat lagunen artean ere ez da pare bat izango horrenbeste egiteko gauza. Oso mutiko azkarra haiz. Gerora han zeuden guztiak, beren buruei eutsi ezinik. Txalo beroak jotzen zizkioten Tomi. Eta bera... munduko zilar guztiaren truke ere ez zuen salduko momentu hura. Ondoren eaileak: — Baina ziur al hago arazo honetan gauza guztiak argi geratu direla? — Ziur, noski, jaun agurgarria. Hemen dugu Brace Dunlap. Uka dezala, ausartzen bada, horretan parte hartu izana... Apustu egiten dut damutzen zaiola isilik ez egona... Tira, tira, geldi-geldi dago, ikusten duzuenez. Eta bere anaia ere ez da mugitzen. Eta gezur galantak bota dituzte lau lekukoek, horretarako hartu baitute dirua; horiek ere geldirik daude. Eta osaba Silas, alferrik izango litzateke horri kasu egitea. Berak zin egin arren, ez nuke nik sinetsiko hark esandakorik. Ateraldi honekin, barrez leher egin zuen jendeak. Epailea bera ere algaraka hasi zen. Tomek ortzadar ederra bezalakoa ikusi uste zuen. Guztien irribarreak bukatu zirenean, begiak epailearengana jasoz, honela esan zuen Tomek: — Jaun agurgarria, areto honetan lapur bat dago. — Lapur bat? — Bai, jauna. Aldean ditu hamabi mila dolarreko diamante horiek. Ene bada eta, zer iskanbila!... Jende guztia oihuka berriro. — Nor da, nor da? Esan. Epaileak: — Seinalatu ezak, mutiko. Sheriff, zuk atzeman eta lotuko duzu. Nor da? — Hildako hori... Jupiter Dunlap. Hori entzutean, harriduraz eta zirraraz egindako beste trumoi batek egin zuen eztanda. Eta Jupiter, lehendik ere txundituta bazegoen, are eta zoratuago geratu zen Tom Sawyerri entzutean. Azkenik Jupiterri hitza ahoratu zitzaion nonbait eta ia oihuka esan zuen: — Gezurra da hori. Jaun agurgarria, hori ez da joko garbia. Aski itsusi dago nire arazoa, erretolika horiekin okerragotu gabe. Bai, gainerako guztia egin dut... Bracek horretara zirikatu eta bultzatu ninduen, egunen batean aberastuko ninduela hitza emanez. Eta nik egin nuen, orain damutzen zait egina, eta hobe nuke egin ez banu, horra. Baina nik ez ditut diamanteak lapurtu, ez daukat nik diamanterik. Hilko ahal naiz oraintxe bertan gezurra badiot! Sheriffak mia nazala eta ikus dezala. — Jaun agurgarria — esan zuen Tomek — lapur deitzean ez dut gauza bere izenez esan, eta hitz hori baztertu beharra dut. Diamanteak lapurtu ditu, jakin gabe, ordea. Bere anaia Jakeri lapurtu zizkion hil eta gero, Jakek bere bi lagun lapurrei lapurtu baitzizkien. Baina Jupiterrek ez zekien lapurtzen ari zenik, eta diamanteak aldean zituela ibili da errondan hilabete honetan. Aldean ditu hamabi mila dolar balio duten bi diamanteek, eta diru horrekin ibili da hara eta hona arlote baten gisan. Bai, jaun agurgarria, aldean ditu oraindik. Epaileak kopeta gora esan zuen: — Miatu ezazu ondo, Sheriff. Sheriffak, miatu, aztertu, ikertu eta arakatu zuen goitik beheraino, alde guztietan. Galtzerdiak, kapelua, forruak, azpildurak, botak, dena. Eta bitartean Tom isil isilik, bere efektu haietako bat prestatzen. Azkenean Sheriffa errenditu zen, eta jende guztia engainatuta bezala zegoen begira. — Zer da? — esan zuen Jupiterrek — Ez al dizuet nik esan? — Hi, mutiko, oraingoan ez duk asmatu — esan zion Tomi epaileak. Tomek orduan sakonki pentsatzen ari denaren itxura egin zuen, buruan hazka eginez. Gero, bat batean begiak altxatu zituen: — A, badakit. Ahaztuta nengoen. Gezurra zen, eta nik banekien. — Ekarriko al dit norbaitek mesedez bihurkintxo bat? Jupiter, zure anaiaren maletatxoan bazen bat, baina uste dut ez zenuela hartu. — Ez, ez nuen hartu. Ez nuen ezertarako behar bota egin nuen. — Zertarako zen jakin gabe bota zenuen. Bitartean Jupiterrek berriro jantzi zituen botak, eta Tomek eskatutakoa eman ziotenean, han zeudenen buru gainetik pasa eta Jupiterri esaten dio: — Jarri oinak aulki honetan. Eta belaunikaturik, takoietako txapako torlojuak askatzen hasi zen, mundu guztia begira zegoela. Eta botatik diamante bikain hura atera, eta zain zeuden guztiek ikus zezaten jaso zuenean, distiratsu azaldu zen, bere argia alde guztietara zabalduz. Eta jende guztia arnasarik gabe. Jupiter, berriz, burumakur zegoen, triste, inoiz inor ikusi ez dudan bezala. Eta Tomek beste diamantea jaso zuenean, tristeago oraindik. Noski, bada! Pentsatzen baitzuen alde egin izan balu aberats eta libre izango zela urrutiko lurralderen batean... maletatxo hartan bihurkin hura zertarako zegoen asmatu izan balu! Dena dela, une haiek benetan zoragarriak izan ziren eta Tomek ospe galanta lortu zuen. Epaileak diamanteak hartu, zutitu, betaurrekoak altxatu, eta esan zuen: — Nik gordeko ditut, eta jabeei abisua bidaliko diet. Bila datozenean, gustura emango dizkiat hiri bi mila dolarrak, ondo irabazia duk-eta diru hori... Eta gainera, herri honen esker onik beroena ere irabazi duk, sendi errugabe eta iraindu bat hondamenetik libratu dualako, gizon zintzo eta onberena heriotzatik salbatu dudalako, eta gaizkile gogor eta gorrotagarrienetako bat eta bere lagun zirtzilak legepean jarri ditualako. Beraz, hantxe metalezko tresnazko musika banda bat egokitu izan balitz zerbait jotzeko, munduko ikuskizunik bikainena izango genukeen. Horixe bera esan zuen Tom Sawyrrek berak ere. Ondoren Sheriffak Brace Dunlap eta bere taldetxoari eskua ezarri zien. Handik hilabetera izan zen auzia, eta handik zuzen kartzelara bidali zituzten. Eta jende guztia berriro zalapartaka ibiltzen zen osaba Silasen elizan sartzeko, inoiz baino maitagarriago agertzen zen osaba Silas eta honen sendiarekin, hainbat eta hainbat zurikeria eginez. Osaba Silasek asma litezkeen sermoi pisuen, nahastuen eta aldrebesenak predikatzen zizkien. Edonor erotzeko moduko sermoiak, gero nork bere etxea topatu ezinik ibiltzeko modukoak. Baina jendeak sermoirik argien, dotoreen eta ederrenak zirela esaten zuen. Eta errukiak edo maitasunak eraginda, denak joaten ziren entzutera, eta gogotik egiten zuten negar. Baina nik deklaratu behar dut nire osasunarengatik, ondoezak eta zorabioak sortzen zizkidatela, burmuinak salda bihurtzen zizkidala. Pixkanaka-pixkanaka agurearen zentzua suspertu zen, eta sekula baino argiago bihurtu zitzaion, eta hau ez da zurikeria. Eta horrela etxeko guztiak txoriak bezala zebiltzen zorionez, Tomi eta bioi esker onik beroena ziguten, nahiz eta nik, nire aldetik, ezer egin ez. Eta bi mila dolarrak iritsi zirenean, Tomek erdia eman zidan, eta ez zion inori hitz erditxorik ere esan. Horretaz ez nintzen harritu, ezagutzen bainuen.
I Detektibe baten asteak ez luke zertan astelehen goizez hasi beharko. Detektibe batek ez dauka lan ordutegi finkorik, funtzionario batek bezala. Ikerketa baten erdian dagoenean, detektibe batek egunean hogeita lau orduz lan egiten du, asteko zazpi egunetan. Hogeita lau, berrogeita zortzi, hirurogeita bi orduko zelatak egiten ditu jarraian, auto baten barruan ezkutatuta, teilatu baten gainean, kamioi baten azpian, zuhaitz baten abaraskaren artean. Mikrofonoak jartzen ditu, kamerak ezkutatzen, argazkiak ateratzen. Hiriko soto ilunenetara jaisten da eta bazter marjinalenak ere miatzen ditu, gaueko ordu txikietan –txikienetan ere-, beti adi, beti erne, ikerketa arrakastaz burutu arte. Kafez eta zigarroz soilik elikatzen da lanaldi luze amaigabeotan. Hainbeste ordutan eta egunetan lo egin gabe, behar bezala jan gabe ibili ondoren, egunetan, astetan piztia baten bizimodua eraman ondoren, hainbesterainoko nozipenen ordainean, ikerketa bukatutakoan, detektibe bat astelehen goizez eguzkiaren izpiek eta hiriaren soinuek esnatu beharko lukete, apurka, asaldurarik gabe. Ohean agonduta, egunean egin beharrekoez patxadaz hausnartzeko astia izan beharko luke, asteko lehen zigarroa dastatzen duen bitartean. Ez, detektibe batek ez luke iratzargailuaren txirrinarekin esnatu beharko astelehen goiz batez; ez luke ezta ohetik presaka jauzi egin beharko, irakiten dagoen kafe bat xurrupatu, aho sabaia erre eta etxetik lasterka atera, fitxatzeko garaiz iritsiko ez ote den beldur den langile arrunt batek bezala. Detektibe batek ez luke astelehen goizetako antsietatea, antsietate globala, estrukturala pairatu beharko. Burutazio guzti hauek zetozkion Jurdan Muga ikerlari pribatuari astelehen goiz hartan, metrorako bidean zihoala. “Langile arrunt baten ordutegi eta errutinak jarraitu nahi izan banitu ez nukeen ogibide hau aukeratuko.” Bai, bazekien Jurdanek benetan arrunt bihurtzen zuena –arrunt hitzaren zentzu gutxiesgarrienean- astelehenak madarikatzen ibiltzea zela, modu hutsal eta topikoenean, eta ez astelehen goizez jaiki beharrak. Bazekien, soberan, burura zetozkion irudi haiek mito hutsak zirela edo, hobe, detektibearen lanaren karikaturak. Izan ere, hamabi urte zeramatzan detektibe lanetan eta sekula ez zen abarasken artean ezkutatu. Nor ezkutatzen ote zen abarasketan! Baina kafeak burmuinean –eta ez ahosabaian- efektua egiten zion artean erretxin jasangaitza zela ere bazekien, zela astelehenez zela Erramu Igandez. Detektibe batek ez luke ezta ere garraio publikoa erabili beharko. Detektibe batek bere autoan, bere erosmen ahalmenetik erabat kanpo legokeen auto batean, joan beharko luke leku guztietara. Sabairik gabeko auto batean zeharkatu beharko lituzke hiriko etorbideak eta hiri inguruko errepideak. Behin kapotaz estalita, autoan ezkutatuta egingo zituen bere zelataldi amaiezinak. Eta beti, edonon ere, aparkatzeko lekua aurkitu beharko luke behin bere helmugara iritsita. Jurdanek amore eman zuen eta hausnarketei ameskeriak bilakatzeko baimena eman zien, jendez gainezka zihoan metro bagoi batean erdian bere burua ikusi zuenean, euskarriari gogor helduta balantzaren batean bagoi-lagun baten gainean ez erortzeko, eta eguneroko dutxa ohitura zabalduegia ez zela enpirikoki egiaztatzen. Auto pilaketez beteriko eta aparkalekurik gabeko hiri hura ez zen detektibe batentzat ingurumen egokia. “Hau aurretik jakin izan banu mertzeria bat jarriko nuen.” Ez zen hasiberria Jurdan detektibe lanean, urtetako eskarmentua zeukan, eta soberan zekien sail beltzeko eleberri eta filmetan islatzen zen mundua fikzio hutsa zela, baina hala ere, detektibe agentzia bat sortzea erabaki zuenean, bere bizimodua oso bestelakoa izango zela irudikatu zuen. Hasiera hasieratik bazekien ez zela fedora eta gabardinaz jantzitako Philip Marlowe edo Sam Spade bat izango, ezta Orient Expresseko luxuzko bagoietan bidaiatuko zuen Hercules Poirot bat edo Ferrari Testa Rossa bat gidatuko zuen Sonny Croquette bat ere; baina, bere buruarekin zintzoa izanik, haien guztien zertxobait bereganatzeko ilusio ezkutua bazeukan “Muga Detektibe Agentzia” sortzeko erabakia hartu zuenean. Baziren urteak, bai, hamabi ordurako, eta erabakiaz bat ere damutzen ez bazen ere, garai hartan zein inozo izan zen pentsatzeari ezin zion utzi metro bagoi jendetsu hartan. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatu zenean otu zitzaion detektibe agentzia bat sortzeko ideia Jurdani. Kazetari bezala lan egiten zuen Jurdanek garai hartan, idatzizko eta ikus-entzunezko hedabide ezberdinetan aldizkako lanak eta kolaborazioak egiten. Eta kopetaraino zegoen, zazpi urte lehenago unibertsitate ikasketak bukatu zituenetik ez baitzuen lan kontratu finkorik ezta urrundik usnatu ere. Horrela, matrimonioaren araudi berrian, mundu guztiak LGTB kolektiboaren giza eskubideen mugarri bat ikusi zuen lekuan, Jurdanek negozio iturri berri baten jaiotza igarri zuen bere bizimodu prekarioarekin amaitzeko parada eskainiko ziona: sexu bereko pertsonen arteko dibortzioaren jaiotza. Sexu bereko pertsonen arteko matrimonioetan, beste edozein matrimonioetan bezala, desleialtasunak, zeloak eta susmoak egongo ziren, eta Jurdanek guzti hauek ikertzen berezitutako lehen agentzia sortzeko ideia izan zuen, lehenbizi jotzen duenak gogorrago jotzen baitu. Erreportaria izanik, jendea jarraitzera eta zelatatzera eta haien ezkutuko sekretuak argitara ateratzera ohitua zegoen Jurdan, hortaz, detektibe lanak ez zuen iraultza handiegirik suposatuko bere eguneroko jardunean. Baina, hala ere, aldaketarekin glamour apur bat gaineratuko ziola bere bizimoduari suposatu zuen detektibe lizentzia atera zuenean. Bai, ez zen txoriburu bat, bazekien Raymond Chandler eta enparauek sortutako ikonografia fikzioa zela, garai eta eremu geografiko jakinetan kokaturiko fikzioa gainera, baina “Muga Detektibe Agentzia” sortzean, azken finean, bere nagusia izango zen, ez zion ordutik aurrera inolako zuzendari edo erredakzio nagusiri konturik eman beharko, egoera arriskutsuetan sartuko zen, legearen ertzean arituko zen sarritan… Gizajoa! Ez, astelehen goizez sardina-lata bagoi hartan zihoan Jurdan hura ez zen hamabi urte lehenagoko Jurdanek espero zuena zehazki, baina etxean xurrupatutako kafea efektua egiten hasia zen eta Jurdan ez zen jada mundua eta bere burua eta bere bizitza eta bere erabaki guztiak gorrotatzen zituen erretxina. Ikerlari pribatu bat zen –ikerlari pribatua, aizu!-, hirian, gay bezeroen artean batez ere, bere sona zeukana, eta lana eta bezeroak sekula faltan izan ez zituena, ezta krisiaren une penagarrienetan ere. Bere erabakiarekin eta bere bizimoduarekin nolabait harro sentitzeko arrazoiren bat edo beste bazeukan ere. Bat-batean astelehena ez zen hain etsigarria, ezta metroa eta inguruan zeukan jendea ere. Bai, baziren. Etsigarriak eta gorrotagarriak, guztiak. Bat-batean berriz ere. Bere bizitzak glamour izpiren bat bazeukala sinestarazten ahalegindu arren, bere esperantza guztiak amildu zitzaizkion. Metro bagoi ziztrin hartako argi gordinaren azpian ohartu zen soinean zeraman alkandorak, bere jantzi-gelako –bai, jantzi-gela bat zeukan apartamentuan, berez sakonera handiko armairu hantuste bat- argi motelean aukeratutako alkandorak, koipe orban lotsagarri bat zeukala paparrean. Antsietateak kitzikatutako amesgaizto baten erdian zegoela zirudien, eskolako patioaren erdian oinutsik zegoela amesten zuenean bezala. Baina orduan ez zen esnatuko, ez zeukan ihesbiderik. Ez zeukan atzera egiterik. Bezero batekin hitzordua jarrita zeukan lehen orduan eta ez zeukan etxera itzultzeko astirik. Arropa dendak ere itxita zeuden ordu hartan, alkandora berri –garbi- bat eskuratu ahal izateko. Beraz, urde zikin arduragabe bat bezala geratuko zen bezeroaren aurrean –eta bulegoraino kalean berarekin gurutzatuko zen jende guztiaren aurrean ere-. Detektibe baten asteak ez luke astelehenez, haserre eta larri, jende arruntarenak bezala hasi beharko, baina horrela iritsi zen Jurdan agentziara, haserre eta larri, eta bera baino pertsona arruntagorik ez zegoela konbentzituta, hitzaren zentzu gutxiesgarrienean, noizbehinka bere irudimenak bestelakorik sinestera bultzatu arren. Agentziara sartu zenerako, Yerai, administratiboa, bazegoen bere postuan harrera gelako idazmahaiaren atzean eserita. -Egun on, Jurdan! –Irribarretsu, pozik zegoen, goizeko ordu hartan eta astelehenez!- Ez zinen ohartuko baina alkandora horrek koipe orban bat dauka. Jakin nahiko zenukeela suposatu dut. -Bai, Yerai, bai, banekien. Ohartu naiz –Yeraik beti asmo onenarekin esaten eta egiten zituen gauzak eta, hala ere edo horrexegatik hain justu, Jurdan bere onetik ateratzea lortzen zuen-. Laster, bezeroa iristear dago-eta: emadazu zure alkandora itsusi hori eta azpiko kamisetarekin gera zaitez. Nahi baduzu nire jaka jar zenezake gainean, jantziago emateko. -Alkandora eskatzen didazu eta aldi berean irain bat botatzen diozu. Ez deritzot prozedura egokiena, alkandora gaixoak ez du zurekin joan nahiko. -Yerai, laztana, zure nagusia naiz, astelehen petral bat daramat aldean jada eta oraindik ez da eguzkia guztiz irten, ez daukat milikerietarako gogorik ezta astirik ere. Tira, ekar ezazu alkandora beldurgarri hori. Jaka Yerairi eman, alkandora zikina erantzi eta Yerairena aldean jarri zuen Jurdanek. Laurogeita hamarreko hamarkadan modan zeuden oversize horietako bat zen, gorputza erabat desitxuratzen zutenak eta, beheko aldea praketan sartzerakoan, puztuta egotearen efektua egiten zutenak. - Ikaragarria da benetan. Nondik atera duzu, denbora kapsula batetik? Beverly Hills 90210 edo Save By The Bell telesailetako aktore bat ematen dut, burua galdu eta oraindik mundu hartan bizi dela sinesten duena. Bai, laurogeita hamarretako Baby Jane bat ematen dut. Mozorro bezala ez da makala, inauterietarako gordeko dut ideia. Ziur esaten ari naizenetik ez duzula deus ulertzen. -Ez pentsa, Beverly Hills horren inguruan maxichallenge bat egin zuten Ru Paul´s Drag Racen. Kristoren barreak egin nituen! Eta ez esan horrelako gauza itsusirik nire alkandoraz. Bigarren eskuko arropa denda batean erosi nuen, normalean egiten dudan bezala. Bost euro besterik ez nituen ordainduko beragatik, eta bost euroren truke lor daitekeen zoriontasun guztia ekarri dit ordutik. Beraz, ez dizut permitituko nire alkandora kuttunaz hain gauza itsusiak esatea. Zuk ere hobeto ikusiko zenuke, eta hobeto ikusiko zenuke zure burua ere, praketan sartuta eraman ordez kanpotik eramango bazenu. -Marie Kondo madarikatu hori atera behar didazu goizeko ordu honetan? Ez txinpartarik jaurti gasolina upel honetan gero. Eta hobe duzu ere moda eta janzkeraren inguruko aholkuak aurreztea. Moda aholkuak nork eta zuk! Daukagunarekin aurre egin beharko diogu elkarrizketari. Nahiago dut bezeroak eszentriko bat naizela pentsa dezala, txerri saskil bat baino. Eta ekardazu bulegora bezeroaren espedientea. -Jurdan, agentzia honetan papereko espedienterik ez daukagula gogoratzen dizut. Digitalizatuta dauzkagu guztiak. Ordenagailuan aurki ditzakezu guztiak, bezeroaren abizenagatik alfabetikoki sailkatutako karpetetan. Karpeta bakoitzean kasuaren inguruko agiri, argazki, bideo eta grabaketa guztiak dauzkazu. Behar izanez gero, espedientearen karpeta ordenagailuan bilatzen lagun zaitzaket. Iseka ari zitzaion Yerai? Burua eta oroimena galduz zihoan adineko bat zela iradokitzen ari zen? Edo, txarrena zena, benetan tontotzat eta ezdeustzat zeukan. -Yeraitxo, bihotza, soberan dakit karpeta eta artxibo bat ordenagailuan bilatzen, ez naiz memeloa. Millennial explaining ohitura nazkante horri utzi behar diozu edo bestela, egunen batean, ni baino pazientzia gutxiago daukan baby boomer batek muturra berotuko dizu. Kutxa gotorrean gordeta dauzkagun argazkiez ari nintzen. Zuk, zuk ere, dagoeneko jakin beharko zenuke bezeroari beti paperezko argazkiak erakustea gogoko dudala. Dramatikoagoa da gutun azal lodi bat eskaintzea, ordenagailuko pantailan slideshow bat erakustea baino. Azkar! -Oi oi oi, nola esnatu garen gaur. Zer afaldu zenuen bart, behazuna? II Ohi bezala, astelehen goiz hartan ere Muga Agentzia bi gay belaunaldiren arteko talkaren sinekdoke izan zen. X belaunaldiko Jurdan –bere burua baby boomertzat zeukana- eta Yerai millenniala, aurrez aurre, bi planeta ezberdinetik etorriak balira bezala, baina elkar ulertzera eta elkarrekin konpontzera behartuta. Arropak, moda izan zen oraingoan talka eta txinpartak eragin zituena haien bien artean. Antza, haietako bakoitzaren jatorriko galaxian harreman ezberdin bat zeukaten modarekin. Baina horrexegatik izan ez balitz, bost minutu beranduago beste huskeria batengatik Jurdanek Alain astintzeko gogoa izango zuen berdin-berdin. Betiko kontua. Egia ukaezina zen, Yeraik berak ere onartua zeukana, Yeraik ez zeukala modaren inguruan inolako gustu edo ardurarik. Hetero bat edo lesbiana bat bezala janzten zen, nahiz eta gay amorratua –amorratua ez den gayrik ba al dago?- izan. Jurdanen belaunaldiko gayen artean janzkeraren gaineko horrelako arduragabekeria pentsaezina zen, baina Yerai bezalako millennialen artean ostera ohikoagoa omen zen. Twitteren edo honen antzeko beste millennial explaining saio batean entzuna edo irakurria zeukan Jurdanek, belaunaldi berriek moda ez jarraitzea euren ikur bereizgarrietako bat bezala defendatzen zutela. Haien ustezko nagusitasun moralaren ikurtzat zeukatela ulertu zuen Jurdanek. Beste bat. Belaunaldi berrientzat, antza, moda-etxe handiak kapitalismoaren aurpegi txoriburu eta friboloenaren adierazgarri ziren, eta eurak, millennialak, ordea, sakonak eta konprometituak ziren, jakina. Bestalde, low cost moda marketako arropak garatu gabeko herrialdeetako jendearen ustiaketa ankerraz baliatuz ekoizten ziren. “Haurren odol eta malkoez zikin” zeudela irakurri zuen Jurdanek nonbait. Onartezina hau ere, noski. Ondorioz, Yerairen belaunaldia apaizetxetan eskuratuta ziruditen arropekin jantzita zebilen mundutik. Gai honetan, beste askotan bezala, itsasargi moralak bezala hitz egiten zuten Yerairen belaunaldikideek. Jurdanen belaunaldiko lagun asko, aldiz, sumindu egiten ziren haien moralismoarekin, zentsore eta autoritario ikusten zutelako. Jurdan ez, Jurdanek ez zien jaramon handirik egiten, azken finean bakoitzak bere printzipio eta arau etikoak dauzka, guztiz onargarriak hurkoari inposatu nahi ez dizkion bitartean. Jaramon handirik ez egitea erabaki zuen aspaldi, bestela haien kontraesanek burua leherraraziko baitzioten. Zeren, ingurumenarekin eta hirugarren munduko lan baldintzekin hain konprometituta zeuden haiek, moda markei boikota egite aldera monje aszeta bat bezala janzten ziren beraiek, aldi berean ez omen zuten kontraesanik nabaritzen euren bi hilabeteko soldata balio zuen telefono mugikor bat erostean. Azken minutuko teknologia ez omen zen txolina eta friboloa, azken denboraldiko alkandora bat bezala, eta haren barneko koltana ez omen zen hirugarren munduan baldintza lazgarrietan ekoizten kotoizko kamisetak bezala. Burua lehertzeko modukoa, bai. Hala ere, Jurdanek ez zion normalean Yerairi gustu eskasa zeukala aurpegiratzen, eta ezikusiarena egiten zuen zakarrontzi batetik erreskatatutako jertse edo alkandoraren bat zekarren bakoitzean, zeren, Yerairen modaren gaineko axolagabetasun hura erabakigarria izan baitzen hura kontratatzeko orduan. Bai, itxura baldar harekin lan elkarrizketara aurkeztean Yeraik erakutsi zituen ausardia eta arduragabekeria, Jurdan hura kontratatzera bultzatu zuten arrazoi nagusienetakoak izan ziren. Administratibo berriak, Jurdanek ordainduko zionarekin, ez zuen azken modara jantzita joateko aukerarik izango, eta, horrenbestez, Yerai bezala, lan elkarrizketara jada fabrikatzen ez ziren bakero batzuk jantzita agertzeko kapaza zen norbait ez zen horregatik frustratuko. Yeraik egun hartan zeramatzan zapatak jantzita kalera irteten zen norbait ez zitzaion soldata igoera baten eske etorriko. Ez zapatak eta prakak erosi ahal izateko bederen. Dena dela, lehia gogorra izan zuen Yeraik janzkera ikaragarriari zegokionez, Jurdanek Infojobsen argitaratu zuen iragarkiari erantzun ziotenen artean asko izan baitziren elkarrizketara txorimaloz mozorrotuta aurkeztu zirenak. Hortaz, beste arrazoi batzuk izan ziren erabakigarriak Yerairen hautaketan. Garaiz kanpoko praka bakero batzuez gain, curriculum eder bat ere bazekarren Yeraik. Hogeita bost urte baino besterik ez zeuzkan eta ordurako auto alokairu enpresa batean eta Internet bidezko bidaia agentzia batean lan egina zen, eta hegazkin konpainia bateko bezeroen arretarako zerbitzuan ere. Azken lanpostu hau atzerrian, Suedian, izan zen, eta horrek Yerai ingelesez lan egitera ohitua zegoela esan nahi zuen. Ziur aski Muga Detektibe Agentzian Yeraik ez zuen sekula ingelesez mintzatzeko aukerarik izango, baina ahalmen honek beste hautagaietatik nabarmenki bereiztera lagundu zion. -Yerai, gauzatxo bat argitu behar didazu ez dudalako oso ondo ulertzen –esan zion Jurdanek elkarrizketan-, zerk erakarri zaitu Muga Agentziaren iragarkitik? Baldintza ekonomikoak argi zeuden bertan, nik ezin dut gehiagorik eskaini baina aldi berean badakit ez direla merkatuko hoberenak –nahiko kaskarrak zirela ongi zekien-; eta bestalde, pertsona bakarreko enpresa da hau, hemen ez duzu promozionatzeko aukerarik aurkituko, ez baitago nora promozionatzerik. Badakit lan merkatua ez dagoela bere momenturik onenean, eskasa da eskaintza eta baldintza prekarioetan, baina zurea bezalako curriculuma daukan norbaitek lanpostu hobe bat izan dezake helburu. Zergatik Muga Detektibe Agentzia? Zer ikusi duzu hemen? -Abenturagatik –erantzun zuen Yeraik, berehala eta ilusioz-, abentura nahi dut eta hemen, detektibe agentzia batean, aurki nezakeela uste nuen. -Ulertzen dut. Detektibe agentzia baten lana hilketak eta antzeko krimenak argitzea dela uste duzu. Ohiko errakuntza bat da –azaldu behar izan zion Jurdanek etsipenez-. Sail beltzeko eleberri eta pelikulen errua da. Detektibeok ez ditugu krimenak ikertzen eta argitzen, hori poliziaren lana da. Jendea isilean eta ezkutuan jarraitzea da detektibeon lana, eta haien sekretuak azaleraztea. Ezkontide desleialak zelatatzea da gure lanaren zatirik handiena, eta, baldin ez bazenekien, senar edo emazteari adarrak jartzea ez da inolako deliturik. Gurasoen aginteari iseka egiten dieten nerabe errebeldeak ere zelatatzen ditugu batzuetan, alkoholarekin eta drogekin, edota sexuarekin, esperimentatzen ari ote diren berresteko. Eskerrak agentzia honetan horrelako gutxi egiten ditugula, hori baita nire ustean gure lanaren mailarik penagarriena, supernanny lanetan aritzea. Eta bai, delitu batzuk edo delitu saio batzuk ere ikertzen ditugu, baina epikotasunik gabekoak beti: aseguru konpainiei ziria sartu nahi dioten bezeroak ikertzen ditugu adibidez, edo euren eginbeharrak betetzen ez dituzten langileak. Ikus dezakezunez detektibeok ez gara heroiak, salatzaileak baizik. Gure lana berez nahiko mizkina da, oinazea eta zorigabea eragiten baititu gehienetan eta oso gutxitan aldatzen baitu jendearen bizitza onerako. Detektibeon lanari esker bikoteen arteko gezurrak argitara ateratzen dira eta matrimonioak dibortziatzen dira, nerabeak zigortzen dituzte eta langileak kalte ordainik gabe kaleratzen. Inork ez gaitu maite, ezta gure zerbitzuak kontratatzen dituenak ere; honek ere, bere baitan, bere susmoak gezurra izatea nahi duelako, eta guk egia gordina begien aurrean eta sudurraren azpian jartzen diogu. Hau guztia jakin beharko zenukeela uste nuen, gurekin lan egiteko erabakia hartu aurretik. Segidan irten zitzaion erretolika Jurdani, halako azalpenak ematen ohituegia zegoen-eta. Bada, hori guztia entzun ondoren ere, detektibe agentzia batean eta zehazki Jurdanekin lan egin nahi zuela berretsi zion Yeraik. Jurdanen hizketaldian islatzen zen munduaren ikuspegi ezkor eta zinikoak nortasun oinazetsu bat aditzera ematen zuela esan zion, detektibe batengandik berak espero zuena hain zuzen ere. Eta zintzoki esan zuen hau Yeraik, ez zebilen iseka edo txantxetan, bere belaunaldikoek ez baitzuten ironia erabiltzen. Kontratatu behar izan zuen, nola ez zuen kontratatuko ba! Ordainduko zion soldata zekenaren truke Jurdanek ez zuen gehiegirik espero Yerairengandik, millennial belaunaldiaren gainean zeuzkan aurreiritzi guztiak islatzen eta laburbiltzen zituen marizoriontsu harengandik, baina erabakia hasieran uste zuena baino askoz errentagarriagoa gertatu zitzaion. Agentziari aurpegia berritu nahian zebilen Jurdan aspaldian. Agentziaren irudia eta prozedurak garai berrietara egokitu behar zituen, ateak zabaldu zituen egunetik ez baitzuen aldaketa esanguratsurik egin ezertan. Muga Agentzia zaharkituta geratzen ari zela nabaritzen zuen, eta beldurra zeukan gay gazteek ez ote zuten ikusiko gay zaharrentzako enpresa bat bezala, Shangay aldizkaria edo Alaska -abeslaria?- ikusten zituzten bezala adibidez, sekula erosiko ez luketen produktu bat bezala alegia. Lifting bat behar zuen agentziak, baina gaztetze tratamenduak garestiak ziren eta Jurdanek, bezeroak eta lana inoiz falta ez bazitzaizkion ere, bere detektibe ibilbide luzean zehar ez zuen zentimorik ere aurreztu agentzian inbertitzeko. Bide gurutze horretan nondik jo jakin gabe zegoela, zerua zabaldu zitzaion Jurdani Antxonek, agentziako administratiboak, dimisioa aurkeztu zionean. Jurdanen adineko beste gay bat zen Antxon, Muga Agentzia sortu zenetik bertan administratibo lanak egin zituena. Jurdanen adinekoa, hots, “beste garai bateko gay” bat zen Antxon, beste garai batean gayen artean usuzkoak ziren portaera guztiak biltzen eta gordetzen zituena. Etengabeko rave party batean bizi zen Antxon, rave party kontzeptua bera ere aspaldian iraungita egon arren; marka garestietako arropak janzten zituen, nahiz eta haiek erosteko diru nahikorik ez izan; Armani, Dolce&Gabanna eta antzekoak, hizki handitan idatzita bazetozen bereziki, moderno eta elegantetzat zeuzkan, nahiz eta jada futbolariek eta txaperoek soilik janzten bazituzten ere; droga sintetiko anitzak kontsumitzen zituen, Ibizan igarotzen zuen uda, Madonnaren fan amorratua zen eta elkarrizketa guztietan Almodóvaren filmeren bateko esaldiren bat sartzen zuen. Edonork uler lezake nolakoa zen Antxon. Inoiz ez zuen zentimorik aurreztu –Jurdanez esan dugun bezala, adinkideak eta, beraz, ez oso ezberdinak baitziren biak-, ez etorkizunerako ez ezusteko baten kasurako ere. Nerabe bat zen Antxon. Bere buruan. Eta horrela bizi zen, zoriontsu –edo-, harik eta gazteek, benetako gazteek, adinez gazteek, euretako bat bezala ikusten ez zutela jabetu zen arte. Gazteek adineko xelebre bat bezala hartzen zutela ohartu zenean, epifania baten kontrakoa sentitu zuen –hipofania bat?-. Umiliatuta, lotsatuta sentitu zen eta bizitzaz erabat aldatu behar zuela erabaki zuen. Herrira itzuli zen bere gurasoak, adinekoak jada, gaixo zeudela eta zaindu behar zituelako aitzakiarekin -nahiz eta gurasoak osasunez primeran egon, inork ez baitzuen horren berririk izan behar-. Antxonek agentziari modaz pasatako irudia ematen ziola uste zuen Jurdanek eta hura aldamenetik kentzeko gogoarekin zebilen aspaldian. Kalte ordainerako dirurik ez zeukan Jurdanek, egia, baina ez zen hori Antxon ez kaleratzeko arrazoi bakarra, ezta nagusia ere: Jurdanek ez zuen sekula Antxon kaleratuko berarekin egon zelako agentziaren jaiotzaren unetik, bien artean eraiki zutelako Muga Agentzia azken finean. Eskuzabalegia ez zen Jurdan, baina bere bihoztxoa bazeukan. Lasaitu ederra hartu zuen hortaz Jurdanek Antxonen ihesaldi honekin, kaleratzearen kalte ordaina aurrezten ziolako alde batetik, eta, aldi berean, aurpegi gazte berri bat kontratatzeko aukera ematen ziolako, Antxoni ordaintzen ziona baino askoz diru gutxiagorengatik, jakina. Agentziaren irudia eguneratzeko ideiatxo pare bat zerabilen Jurdanek buruan aspaldian eta Antxoni dirutzarik ordaindu ez beharrak haiek abian jartzeko parada eskaini zion. Hasteko, egoitzaren dekorazioa garaiko gustuetara egokitu behar zuela erabaki zuen. Bezero berriak, gazteagoak, erakarri nahi bazituen, auzoko negozio berri guztietan erabiltzen zuten estilo berean dekoratu behar zuela agentzia uste zuen Jurdanek. Auzoan azken aldian hilero negozio berriren bat zabaltzen zuten, artisau garagardotegi bat, zapata denda begano bat, bizar apaindegi bat, eta guztiak, produktu eta zerbitzu hain ezberdinak saldu arren, estilo oso antzekoetan dekoratuak zeuden beti. Hormetako adreiluak eta zutabeetako zura agerian eta margotu gabe; zoruan, bernizik gabeko zur ihar karraskaria edo irudi eta kolore anitzetako harlauzak; altzari birziklatuak beti, zaharrak edo hondatuak ez esate arren; mahai zein eserleku guztiak ezberdinak, ezberdinak ispiluak eta lanparak; zura, buztina, kobrea, letoia, latorria, larru zaharra. Horiexek ziren Jurdanek auzoko negozio berri guztien dekorazioan nabaritzen zituen elementu eta material komunak, berak bere baitan “hipster” izena jarri zion dekorazio estiloaren ezaugarriak. Jurdanek ez zekien berak estilotzat hartzen zuen irudi jakin hura benetan estilo bat ote zen, ezta izen berezirik ote zeukan ere, baina negozio guzti haietan jendeak, produktu nahiko arrunten truke, prezio desproportzionatuak ordaintzera prest zegoela egiaztatuta zeukan eta dekorazioak zerikusirik izan behar zuela susmatzen zuen. Bezero gazteak ziren negozio berri haietan denbora eta dirua gastatzen zutenak, baina ez gazteegiak, ez botiloi egiten zutenak, hogeita hamapiku urtekoak baizik, profesionalak, erosmen ahalmen interesgarridunak, ezkondutako bikoteak haietako asko. Laburbilduz: dibortziatzeko adinean zegoen eta dibortziatzeko dirua zeukan jendea ziren negozio berriotako bezeroak, hots, Muga Agentziaren targeta. Jurdanek aurpegi berri haiek bere agentziako bulegoetan sartzen ikusi nahi zituen eta horretarako haientzat erakargarria omen zen ingurumena sortu behar zuen. Agentzia zabaltzerakoan erositako altzariak ez zetozen bat Jurdanek landu nahi zuen “hipster” estilo berriarekin, bi miletako hamarkadan hain zabaldua egon zen Ikea estilokoak baitziren guztiak, eta, hortaz, birziklatu zituen. Guztiak, idazmahaia, aulkiak, bezeroentzako sofa eta artxibategiak, garbigunera eraman zituen eta vintage estiloko beste batzuengatik aldatu zituen. Negozio auzokideen eredua jarraituz, ez zuen altzari dendetan bilatu Jurdanek, ez fisikoetan ezta internet bidezkoetan ere, eta zuzenean Emauseko Traperuenean erosi zituen altzari “berriak”. Zurezko aulki birakariak erosi zituen, zurezko pertsianadun artxibategiak eta hilkutxa baten pisua zeukaten bi idazmahai, harrera gelarako bat eta bere bulegorako bestea. Sitsik ez ote zuten edukiko altzariek galdetu zien Emausekoei, hirurogei urte baino gehiago izan behar baitzituzten tramankulu haiek, eta ezetz, gasolioz tratatuak zeudela ziurtatu zioten. Hortaz, ordaindu eta agentzian landatu zituen. Dena dela, hasiera batean buruan zeukan asmoaren eta lortutako emaitzaren arteko aldea ikusitakoan sentsazio gazi-gozo bat geratu zitzaion Jurdani. 30 eta 40ko hamarkadetako sail beltzeko filmetan agertzen ziren detektibe bulegoak zeuzkan buruan Jurdanek altzari haiek erosi zituenean. Hori zen lortu nahi zuen efektua, baina, zintzoki eta hoztasunez begiratuta, aurrekontu edota arrakasta eskaseko kontulari baten bulegoa ematen zuen orain agentziak. Dekoratzaile bat kontratatu behar izan zuen hasieratik, baina jada ez zitzaion aurrekonturik geratzen eragindako kalteak konpontzeko. Beraz, zalantzak eragiten zizkion irudi harekin aurre egin beharko zion Muga Agentziaren aro berriari. Higigarriak behin aldatuta, aro berrirako beste giltzarria izan behar zuena bilatzea falta zitzaion, agentziako atea zeharkatzean bezeroei agurra emango zien aurpegi gazte adeitsua, agentziako telefonora deitzean jendeak entzungo zuen ahots adiskidetsu eta erakargarria. Administratibo-idazkari-harreragile gazte bat bilatu behar zuen Jurdanek, Antxoni ordaintzen zionaren erdia kobratuko lukeena. Infojobsen iragarki bat jarri eta, erantzun zutenen artean, Yerai azaldu zen, esan bezala, bere curriculum aberats eta bere xalotasun txundigarriarekin. Eta Antxonek utzitako herentziarekin topo egin zuen Yerai heldu berriak. Jurdanen adinekoa zen Antxon, esan bezala, eta, Jurdanen kasuan gertatzen zen bezala, Antxonen informatikaren inguruko abileziak ez zihoazen pornografia bilatzeaz eta pelikulak piratatzeaz haratago. Kartoizko karpetetan gordetzen zituen Antxonek Jurdanek ikertutako kasuen dokumentazio guztia, eta karpeta hauek kartoizko kutxetan gordetzen zituen. Azkenik, agentziako egoitzan hutsik zegoen gela bateko hormetan apalak zintzilikatu eta bertan gordetzen zituen espedientez eta dokumentuez beteriko kutxak, ustez kronologikoki eta alfabetikoki sailkatuta, baina, izatez, berriz sekula bilatu behar izango ez zituelako konfiantzarekin, leku nahikoa ikusten zuen zokoan botatzen zituen kutxak. Ondorioz, Muga Agentziaren ia hamabost urteko ibilbidearen ondoren, gela osoa zorutik sabairaino kartoizko kutxez betetzea lortu zuen Antxonek; eta honek bere kabuz sortutako orden hartan paperen bat, argazkiren bat bilatu beharrekotan, haren oroimenaz fidatu beharra zegoen. Jakina, Antxonek bere dimisioa aurkeztu eta alde egin zuenean, agentziaren informazio eta dokumentazioaren anabasa bere gordintasun osoan agerian geratu zen. Jurdanek ez zuen esperantza gehiegirik Yerairen lanean, eta gutxieneko soldata onartzeko prest zegoelako kontratatu zuen bereziki, baina haren ekarpena lehenengo momentutik ikusgarria izan zela onartu behar izan zuen. Yeraik Antxonen oinordekotzari aurre egin eta paper eta kartoizko anabasa hartan orden digitala ezarri zuen. Agentziako dokumentazio guztia, artxibategi bezala erabiltzen zuten gela sabairaino betetzen zuten espediente guztiak, digitalizatu zituen. Hilabete bakarreko epean. Bere sare sozial guztiak behar bezala eguneratuta mantentzeari uko egin gabe. Kartoiz eta paperez agentzia hustu zuen Yeraik eta segurtasun enpresa baten zerbitzuak kontratu behar zituela iradoki zion Jurdani. Segurtasun enpresa horrek dokumentazio guztiaren back-upa egingo zuen eta horrela ez zuten agentziaren egoitzan dokumenturik gorde beharko eta ezingo zien inork dokumentazio sentiberarik lapurtu agentziaren egoitzan. Gehiegizkoa zen hura. Dokumentazioaren digitalizazioan emandako urratsa eta egindako lana eskertzekoak ziren, baina segurtasunari buruzko aholkuak ematen hasi behar zitzaion agentzian ordu laurden bat besterik ez zeraman umemoko hura? Ez zegoen prest. Honaino iritsita, Jurdanek heldu berri ausart haren ekimen eta ideiak geldiarazi beharko zituen… Yerairen ideia gastu aurrezte batekin batera ez balitz etorri. Segurtasun enpresa bat kontratatuz gero, artxibategi bezala erabiltzen zuten gela huts zezaketela azaldu zion Yeraik Jurdani, eta alokatu ere, jada ez zutelako ezertarako behar. Eta, noski, hiriko erdigunean alokairuek zeukaten prezioa ikusita, gelatxo baliogabe hura alokatzeagatik aterako zutena segurtasun enpresaren prezioa baino nahiko handiagoa izango zen. Amorrua ematen zion arren, Yeraik arrazoia zeukala onartu behar izan zuen Jurdanek. Segurtasun enpresa bat zen ordutik Muga Agentziaren kudeaketa dokumentalaren arduraduna, eta ordura arte artxibategia zena tarota botatzen zuen marisorgin batek okupatzen zuen. Laburbilduz, onartzeak amorrua eragiten bazion ere, espero zuena baino askoz errentagarriagoa atera zitzaion Jurdani Yerai kontratatzea. Amorrua ematen zion, inolako eskarmenturik gabeko txorikume haren ideiak berari otu ez zitzaizkiolako. Eta hori gutxi ez balitz, agentziari buruz hitz egitean Yeraik pluraleko lehenengo pertsona erabiltzeak ere amorru bizia eragiten zion. Baina hori ere onartu beharko zuen, haren atxikimenduaren adierazgarri baitzen. Millennial madarikatuak! III Millennial zikin baten aholkua jarraitu zuen, bai, baina errentagarriagoa zelako, ez haren diskurtsoarekin bat zetorrelako. X belaunaldiaren galaxian ez zebiltzan hainbesterako beldur eta begirunez dokumentu segurtasunaren asunto guzti harekin. Sekula ez zen gehiegi arduratu Jurdan agentziako segurtasunaz. Nork lapurtu nahiko zuen bere agentzia bezalako leku eskas batean? Eta zer lapurtu? Aurretik Ikean eta gero Emausekoenean erositako altzari urri batzuk? Yerairen aurretik ere agentziako segurtasunaren inguruko gomendioak egin zizkioten behin baino gehiagotan, baina agentzian baliozko ezer gordetzen ez zuela erantzuten zuen Jurdanek beti, ez zegoela zertan kezkatzerik. Informazio oso sentibera zerabilela eskuartean gogorarazten zioten lagunek sarritan, eta bezeroren bat edo zelatatukoren bat agentzian sar zitekeela argazkiak edo bestelako frogak suntsitzeko asmoarekin; baina alde horretatik lasai zegoela zioen Jurdanek, larritasun gutxiko kasuak ikertu zituela beti. Berak ikertutako kasuak eta berak zerabilen informazioa garrantzirik gabekoak zirela errepikatzen zuen Jurdanek, behin eta berriz, holako zerbait egia zela sinestera iritsi arte. Baina, benetan, Jurdanek material oso sentiberak maneiatzen zituen bere eguneroko lanean, legeek –Legeak- indarrez babesturiko eskubide eta interesak ukitzen zituzten materialak. Jurdanen argazkiek eta grabazioek, kasuren batean, ikertutako pertsonen ohorea iraintzen zutela esan zitekeen, baina epaile eta auzitegiak ez zeuden jada XVII. mendeko kontzeptuak babesteko prest eta lasai zegoen Jurdan alde horretatik. Intimitatea zen, izatez, Jurdanen ikerketek bereziki eta maizen zeharkatzen zuten muga legala. Intimitatea, garaiko kontraesanen eredurik hoberena, maila neurrigabean babestua eta goretsia alde batetik eta aldi berean inork zaintzen edo errespetatzen ez zuena. Gizarteak intimitatearen inguruan zerabilen kontraesan hau aintzat hartuta, Jurdanek garrantzia kentzen zien bere ustezko “gehiegikeriei”: -Zintzoak izan gaitezen: egun jada inork ez du bere intimitatea zaintzen ezta hurkoarena errespetatzen ere. Nor etorriko zait orduan azalpen eske argazkitxoren bat ateratzeagatik edo mikrofonoren bat jartzeagatik? Halaxe esan zion zuhurtziaz ibiltzea gomendatzen zion bere abokatu lagun bati, zintzotasunez mozorrotutako zinikotasun lotsagabeaz. -Egun intimitatearen eta pribatutasunaren santutasuna goratuz ahoa betetzen zaio mundu guztiari, eta mundu guzti horrek, aldi berean, bere intimitatea eta ingurukoena, adingabeena ere, lotsarik eta etenik gabe bortxatzen du. Kontraesan defendaezin bat da hau, ez al duzu uste? Sare sozialei inoiz begiradatxoren bat bota badiezu, zuk ere ikusiko zenuen. “Gobernuek eta nazioarteko korporazioek pribatutasuna lapurtzen digute” edo antzeko leloren bat (lelo leloak) bere sare sozialetan argitaratzera ausartzen den pertsona berberak, aldi berean eta mezu berean ere sarritan, bere oporretako argazkiak argitaratzen ditu, domeinu publikokoak izan daitezen, edo goiz horretako gosariaren argazki bat, edo, ulergaitzagoa dena, bere titi, ipurdi edo zakilaren argazki bat. Badago jendea ere “gure seme-alaben pribatutasuna babesteko eskubidea eta obligazioa daukagu” bezalako zerbait sareetan aldarrikatzera ausartzen dena, eta aldarria euren seme-alaba adingabeen argazki kaskar batekin laguntzeko kapaza dena. Mundu guztiak dauka antza, une oro, non dagoen, zer egiten edo nola sentitzen den jakitera emateko irrika nekaezin bat. Irudi eta argazki ugariekin batera beti, eta idatzizko adierazkortasun nahiko zabarrarekin beti ere. Inork aurretik eskatu gabe euren gorputzaren xehetasun guztiak argitaratzen dituzten berek, euren ideia, iritzi edo sentimendu, ustez aitorgarriak, jakitera ematen dituztenek, horiexek beraiek dira, hain justu ere, gehien sumintzen direnak “Intimitateak” pairatzen dituen eraso eta bortxaketengatik. Ez dira konturatzen, ezinezkoa zaielako, buruak hainbesterako ematen ez dielako, beraiek direla erasotzaile, beraiek direla intimitatea bortxatzen edo prostituitzen ari direnak. Hurkoaren intimitatearen kuxkuxero edo bortxatzaile dira, bai, baina batez ere, eta hori da niretzat beldurgarriena, euren intimitatearen bortxatzaile edo proxeneta dira. Anaia Handia ezagutzen badute ez da Orwellen lana irakurri dutelako, telebistako saioagatik baizik. Eta, jakina, ez dakite honek (saioak) harengandik (Orwellengandik) hartu zuela izena, ostera, anaitasunaren gorazarrearekin zerikusirik duen zerbait dela sinesten dute. Egin proba bestela. Galde esaiezu eta ikusiko duzu zein den haien erantzuna. Anaia Handiaren erabateko garaipenaren garaian bizi gara: intimitatearen erasotzaileak autoerasotzaile dira, eta ez daukate biktima izatearen inolako kontzientziarik, alderantziz, intimitatearen babesletzat dauzkate euren buruak. Jurdanen hausnarketa guzti hauei konspiranoia kutsu bat bazerien ere, Jurdan ez zen horrelakoa. Ez zuen konspiranoietan sinesten. Inkontziente kolektiboaren ispilu bitxi bat zirela eta ikuspegi pop batetik begiratuta interesgarri zeritzen. Baina bere lana ukitzen ziotenean, ogibidea zalantzan jartzen ziotenean, malguki batek bezala jauzi egiten zuen eta, atzazalak puntan, aurkariaren kontraesanak biluzten, agerian jartzen tematzen zen. Falta zitzaiona! Intimitatearen benetako esanahia eta balioa ahaztu dituen gizarte hipokrita batean, bera izan behar zen ordaindu behar zuena ala? Ez zuen erraz amore emateko asmorik. Ohitua zegoen lagun eta ezagunekin gai horren inguruko eztabaidak izatera, eta ohitua zegoen ere, noizbehinka, poliziak edo fiskalen batek bere jardunean sudurra sartzera. Jurdanen ikerketen ondorioz kalteak jasandako baten batek -pentsiorik gabe dibortziatu behar izan zuen senar desleialen batek edo aseguruaren kalte ordainik gabe geratu zen herren faltsuren batek esaterako-, mendekua hartu nahi eta Jurdanen aurkako salaketa jartzea nahiko arrunta zen. Baina inork ez zuen sekula lortu Jurdanek legez kanpoko jokabideak erabili zituenik frogatzea. Bere jarduera legezkotasun itxura zuri eta garbi baten barnean mantentzen jakin zuen Jurdanek beti. Leku publikoetan eginak ez ziren argazkiak eta baimenik gabe eginiko grabaketak, bezeroei erakutsi eta berehala suntsitzen zituen beti, eta bezeroek epaile baten aurrean aurkezteko moduko frogak eskatzen bazizkioten, legezkotasunaren aldetik erabat aratzak ziren irudi eta txostenak ematen zizkien. Halaxe egingo zuen Jurdanek astelehen goiz hartan ikusi behar zuen bezeroarekin ere, astelehen goizez langile arruntaren nekeziak pairatzera behartu zuenarekin. Ohiko enkargu bat izan zen harena, adarren asunto bat. Senarrak maitale bat zeukala susmatzen zuen bezeroak, eta Jurdanek susmo txar haiek berresten laguntzea nahi zuen. Ez zen lan zaila izan –Jurdanen mailako profesional batentzat- eta aste pare bateko epean deitu zion Jurdanek bueltan froga nahiko bildu zituela esateko. Jurdanen ohiko prozedurari jarraituz telefonotik ezer ez ziola esango argitu zion, eta soilik bulegoan eta aurrez aurre erakutsiko ziola bildutako materiala eta senarraren joan-etorriak xehatuko. Kafetegi batean, parkeko eserleku batean edo kalean bertan ere bil zitezkeen erakutsi behar ziona erakusteko, ez baitzen beste munduko gauzarik; baina bezeroa bulegoraino joatera behartzeak garrantziz janzten zuen prozedura osoa. Formak, itxurak zaintzea funtsezkoa zela ikasia zeukan Jurdanek, bezeroek kalitatezko zerbitzu esklusibo bat jasotzen ari zirela sumatzeko, batez ere hura bezalako kasu arruntetan, edukiak mami handirik ez zeukanean. Astelehen goizez soilik bil zitezkeela erantzun zion bezeroak, senarrak lanerako bidea hartzen zuenean, eta, nahiz eta Jurdanen ustez holako informazio bat astelehenez jasotzea karmaren ikuspegitik komenigarria ez zen, hitzordua jarri zuten. Bere bulegoko idazmahaiaren atzean eserita zegoen Jurdan, Yerairen alkandora itsusi baina garbia soinean, ateko txirrina jo zutela entzun zuenean. Yerai atea zabaltzen entzun zuen. Itxurak zaintzeko beste keinu bat zen hura, bezeroari atea bultzatzen ez behartzea, atea zabaltzeko adeitasuna izatea. Bezeroak izena eman zion Yerairi eta Jurdanekin hitzordu bat zeukala azaldu zion. Agentziaren egoitza txikia zen, Jurdanen bulegoa eta harrera gela horma fin batez soilik banatuta zeuden, ez zen mikrofonorik behar batean gertatzen zena bestetik entzun ahal izateko, baina itxurak, formak gordetze aldera, Yeraik barne telefonotik deitu zion Jurdani bezeroa iritsi zela jakinarazteko. “Sar dadila, mesedez.” Berrogei urte inguruko gizonezko gay bat zen bezeroa, Muga Agentziako bezeroen %90a bezala. Burusoiltzen hasia zegoen eta zimurduratxoak nabaritzen zitzaizkion aurpegian, baina hala ere bere adineko hetero batek baino azal gazteagoa eta ile ilunagoa zeuzkan, gayen artean gertatzen den modura. Ez erretzeak, gaztetandik azala zaintzeko produktu garestiak erabiltzeak eta seme-alabarik ez izateak, gayen zahartze prozesua atzeratzen zutela soberan baieztatua zeukan Jurdanek. Alkohola eta drogak heteroek baino urte gehiagotan hartzeak, bestalde, aurreko guztia konpentsatzen zuen maiz. Droga gehiegirik hartu ez zituenetariko bat zen egun hartako bezeroa. Ondo jantzita zihoan, hasierako elkarrizketa izan zuten egunean bezala, markako arropekin eta estatus ikurren batekin ere –Tag Heuer bat zen haren erlojua-. Dirua bazeukala argi zeukan Jurdanek –kobratuko ziona makala ez zelako batez ere- eta dirudun jendearekin lan egin behar zuela, baina ez finantzen arloan, ez baitzeraman traje ilunik ezta gorbatarik. Arkitekto edo mediku pribatua izan behar zuen. Zalantzarekin geldituko zen eta ez zion ogibidea galdetuko, intimitatea errespetatzearen asunto guzti hura zela eta. Bostekoa eman zioten elkarri agurtzeko eta bezeroak eskua izerditan zeukala nabaritu zuen Jurdanek. Urduri zegoen, negarretan lehertzeko zorian ere, Jurdanek erakutsi behar zionetik ezer ikusi baino lehen. Ura eskaini zion Jurdanek, edo kafea, edo zigarro bat, nahiz eta haren aurpegiko azalak erretzen ez zuela adierazi, apur bat lasaitzeko balioko bazion. -Ez, eskerrik asko. Amai dezagun honekin. Hobe egia ahalik eta lasterren jakitea. Jurdanek manila paperezko gutun azal bat atera zuen idazmahaiko tiradera batetik eta mahai gainean jarri zuen, bezeroarenganaino hurbildu gabe. Bezeroak aurreratu eta besoa luzatu beharrak dramatikotasuna gehitzen zion eszenari. Gutun azalaren barnean zeuden argazkiak ez ziren agentziatik sekula irtengo, hortaz, ez zegoen paperezko kopia bat ateratzeko inolako beharrik, bezeroari erakutsi eta berehala suntsitzeko, baina eszenaren ikonografia guztia sail beltzeko pelikuletatik kopiatu zuen Jurdanek eta pelikula horietan manila gutun azala nahitaezko atrezzoa zen. Bezeroak eskua luzatu eta, zalantzazko keinu baten ondoren –bezeroak berak ere eszenari dramatikotasuna eransten ari zitzaion ala?-, gutun azala hartu eta barneko argazkiak behatzen hasi zen. Begirada laster bat bota zien argazki guztiei, haietako bakoitza xehetasunean aztertu baino lehen, eta guztiak leku berean ateratakoak zirela ikusi zuen, leku itxi eta gutxi argiztatu batean. Eta argi eskasarekin atera baziren ere, argazki guztietan bere senarra agertzen zela nabaritu zuen. Bai, bere senarra zen argazki ilun guzti haien erdian agertzen zena, nahiz eta guztietan aurpegia ez zitzaion ikusten. Ongi ezagutzen zuen bezeroak bere senarraren gorputz biluzia. -Gopro kamera ezkutu batekin atera nituen argazkiok –azaldu zion Jurdanek, bezeroak galdera egin baino lehen-. Belauniko agertzen zen bezeroaren senarra argazki haietako batean, bildumako lehenengoa izan behar zuenean, biluzik, eta bera bezala biluzik ere baina zutik zeuden beste dozena erdi gizonez inguratuta. Argazkiak deskribatzen zuen ingurumena ikusita eta plano hura hurbiletik ateratakoa izan behar zuela aintzat hartuta, Jurdan bera ere argazkia ateratzerakoan biluzik egon behar zuela suposa zitekeen. Non ezkutatzen zuen hortaz gopro kamera? Lehen lerroko profesional baten sekretuak. Sex club batean ateratakoak ziren argazkiak. Horrelako batean egondako edonork berehala igarriko zuen. Ezezagunekin noizbehinkako sexu topaketak izateko joan ohi zen jendea –gizonezko gayak kasu hartan- leku horietara. Bezeroak guzti hau jakingo zuela eta ingurua zein zen igarriko zuela suposatu zuen Jurdanek, eta ez zion horrenbestez azalpenik eman. Ondo ezagutzen zituen Jurdanek hiriko hiru sex club gayak, dozenaka aldiz joan behar izan baitzuen haietara bezeroen enkarguz senar desleialen atzetik. Eta ez zituen atsegin. Ez aurreiritzi moralengatik eta horrelako tentelkeriengatik, bere lanaren alde gordinenarekin lotzen zituelako eta garbitasunaren aldetik zalantzak eragiten zizkiotelako ez zituen atsegin sex clubak. Biluzik edo slip bat jantzita ibili ohi zen jendea klubean hara eta hona beste sexu partaide bat edo batzuen bila. Binakakoak, hirunakakoak edo taldekoak izan zitezkeen sexu topaketak, eta gehienetan hitzik gurutzatu gabe hitzartzen ziren, begiradarekin soilik. Clubeko gela pribatu batean izan zitezkeen topaketak, baina baita clubeko areto batean gainerako bezeroen aurrean –Jurdanen lana errazten zuena-. Bere lana biluzik edo erdi biluzik egin beharrak eta ezezagunen sexu topaketak hurbiletik ikusi beharrak, ez afizioagatik baizik eta bere lana behar bezala egite arren, sex clubak amorratzera bultzatu zuten Jurdan. Bere borondatez joan balitz haietara, bere sexu gogoak bultzatuta eta ez ezkutuko argazkiak ateratzera, beharbada beste begi batzuekin ikusiko lituzke. Taldeko sexua omen zuen gogoko bezeroaren senarrak, eta jendaurrekoa. Lehenbiziko argazki hartan bezeroaren senarrak inguruko beste gizonetako baten zakil tentea aho barruan zeukan. Bildumako hurrengo argazkian beste zakil bat zen senarrak ahoan erroraino landatuta zeukana. Koloreagatik ezberdindu zitezkeen argazki ilun haietako zakilak. Beste bost zakil ikus zitezkeen argazkian senarraren aurpegiaren inguruan, bere txandaren zain. Hain gertuko enkoadratze bat lortzeko kamera agerian geratu behar izan zitzaion Jurdani, ziur, nola ez ziren bada konturatu tipo guzti haiek? -Larruzko arnes bat neraman soinean eta haren errematxeetako bat gopro kamera ezkutu bat zen. Xehetasunok, bezeroak ezer galdetu gabe eman zizkion Jurdanek, maila goreneko profesional baten zerbitzuak kontratatu zituela argi eduki zezan. Garrasiak, malkoak, zorabioren bat ere, espero zituen Jurdanek bezeroaren partetik argazki gordin haiek ikusitakoan, baina bezeroak lasaitasun osoz behatu zituen guztiak, ez nazka, ez sumindura ezta harridura imintziorik ere egin gabe. Pilularen bat edo bi hartuta egon behar zuela pentsatu zuen Jurdanek, eta benzodiazepinaren eraginpean munduaren amaiera bazetorren ere bost axola zitzaiola. Horrela, ordura arte erakutsitako lasaitasun kezkagarriarekin jarraituz, argazkiak berriz gutun azalean sartu eta mahai gainean utzi zituen bezeroak. -Hauxe da guztia? –galdetu zion Jurdani-. Sarkasmoa izan zitekeen galdera absurdo hura, espero zuena baino errealitate askoz mingarriago batekin topo egin duen norbaiten defentsa. Edo izan zitekeen baita bezeroak pertzepzio arazoren bat izatea, betaurrekoak ahaztu zituelako edo antsiolitikoen eraginagatik, argazkiak ez zituen ondo ikusi edo bertan gertatzen ari zena ez zuen behar bezala ulertzen. Badaezpada azalpentxoren bat eman behar ziola erabaki zuen Jurdanek, baina tentuz. -Dibortzioa eskatzeko soberan daukazu hor. Sinets iezadazu, nire lana da. Baina xehetasun gehiago behar izanez gero, hogeita hamar minutuko bideo bat erakuts diezazuket. Bertatik aukeratutako fotogramak dira argazki hauek. -Baina argazki hauetan ikusten den guztia sexua besterik ez da! Zerbait gehiago badaukazu, arren, esadazu! Beste gizonen bat ote dagoen jakin nahi dut. Ez zen Jurdanek zoro batekin topo egiten zuen lehenbiziko aldia, baina aurrekoetan hasierako elkarrizketatik igarri zien burutik eginda zeudela. Ez zen hau kasua, bezero honek normala ematen zuen elkar ezagutu zutenean eta baita goiz hartan bulegora sartu zenean ere. Shockean egon behar zuen argazkietan ikusitakoagatik. Lasaitzen lagundu beharko zion. -Bada, berez, argazki horietan, ikusi ahal izan duzunez, gizonen bat eta bi baino gehiago ere badago. Zure senarra sexu klubetara joaten da taldeko sexu bila, zuri bizkarra emanda. -Soberan ulertu dut argazkietan gertatzen ari dena. Ez zaitez ironikoa izan nirekin, ez naiz atzamarra miazkatzen duten horietakoa. Baina berriro diotsut, hori ez da sexua baino besterik. Ala argazkietan agertzen diren gizonetako bat bere maitalea ote da? Hori da iradokitzen ari zarena? Erotuta zegoen edo adar joka zebilen. Jurdani bost, bata zein bestea izan kasua berdin kobratuko baitzion. -Ez, ez. Zure senarra bakar bakarrik sartu zen klub hartan eta bakarrik irten zen ere. Lasai egon zintezke alde horretatik, zure senarrak ez du maitalerik. -Ziur zaude? -Hamabost egunez ibili naiz haren atzetik eta hamabost egunetan ez du beste gizon batekin hitzik gurutzatu, lanean ez bazen edo zu aurrean ez bazeunden. Ordura arte zutik egon zen bezeroa, Jurdani azalpenak sutsuki eskatzen, baina azken hau entzundakoan idazmahaiaren aurreko eserlekuan eraitsi zen. Lasaiago zirudien, baina atsekabe espresioak ez zion alde egiten. -Ni naiz orduan arazoa daukana. Arrazoirik gabeko zeloak dauzkat, erraiak inarrosten dizkidatenak. Terapiara joan beharko dugu. Jurdanek ez zuen bikoteen terapeuta bezala lan egiten baina, kobratuko zionagatik, aholkuren bat eman behar ziola sentitzen zuen. -Ni, ordea, zure zeloek funtsik badutela esatera ausartuko nintzateke. Eta barkatu tematia banaiz, baina dibortzioa eskatzeko egoeran ere bazaudela gogoratzen dizut. -Ez naiz dibortziatuko nire senarrak, pertsona normal batek bezala, bere sexu beharrizanak asetzen dituelako. Bere senarra naiz, ez bere jabea, are gutxiago bere zentsore edo zikiratzailea. Ez ginen sexua elkarrekin esklusiboki izateko ezkondu. Horrek ez dauka zentsurik. Ez ginen bizitzari buruz deus ez dakiten bi nerabe elkarrekin ezkontzeko erabakia hartu genuenean. Bi pertsona heldu ginen ordurako eta matrimonioaren kontzeptu txiro hori soberan gainditua geneukan. Elkar maite genuelako ezkondu ginen, eta azken aldian bere maitasuna txikitzen, bukatzen zihoala sumatzen nuen. Beste norbait maite zuela susmatzen nuen eta horregatik jo nuen zugana. Beste pertsona bat maite bazuen eta niganako maitasuna bukatu bazitzaion, ez zegoen gure matrimonioarekin aurrera segitzeko arrazoirik, eta bera ez bazen dibortzioa eskatzera ausartzen, nik egingo nuen. Baina nire susmoak oker zeudela esan eta berretsi didazu, beraz ez daukat dibortziatzeko arrazoirik. Hori zen kezkatzen ninduena, nire senarrak beste norbait maite ote zuen, ez norekin txortan egiten duen. Monogamia ez da naturala eta monogamia inposatzeak ondorio kaltegarriak dakartza. Ziur zuk ehunka adibide ezagutu dituzula zure jardunean. Pertsona batzuentzat ez da nahikoa, edo aspergarria bilakatzen zaie, beti pertsona berarekin sexu harremanak izatea. Zu ere pertsona heldua zara eta mundu asko ikusi dutenetakoa, ez dut uste, hortaz, ezer berririk irakasten ari natzaizunik. Bada, horietakoa da nire senarra. Beti izan da eta ez dit sekula ezkutatu. Ahoan beti zakil bera sartzea aspergarria zaio eta noizbehinka zakil berriren bat edo beste miazkatu beharra du. -Ulergarria da. Pozten naiz, benetan, matrimonio zoriontsu baten urraketarako ekarpenik ez dudalako egin oraingoan. Argazkiak, dena dela, suntsituko ditugu, bai euskarri digitalean bai paperean daudenak ere. Agentziaren politika da. -Hobe duzu. Ez nituzke beste inon berriz ikusi nahiko. Mila esker, Muga jauna. -Mila esker zuri, konfiantzagatik –bostekoa eman zuten-. Irteterakoan Yeraik gure zerbitzuen faktura emango dizu. Hasieran aurreikusitakoak izan dira behin-betiko zerbitzu-sariak, ez da ezusteko gehigarririk suertatu ikerketan zehar. Edozein ordainbide onartzen dugu, bai eskudirua, bai txartelak eta txekeak ere. Egun on. Bezeroak agur esan eta bulegoa utzi zuen. Bakarrik geratu zen Jurdan, bezero ezberdinekin lan egitea zein aberasgarria zen hausnartzen: bezero bakoitza mundu berri bat zen, mundu berri ezezagun bat ziren haietako bakoitzaren kezkak, ardurak, buruhausteak. Pertsonaia sinestezin ugari ezagutu zituen bere detektibe lanari esker, txunditu edo liluratu zuten haietako batzuek, beste batzuek aldiz lotsa eta sumina eragin zioten. Guztiengandik ikasi zuen zerbait berri. Eta hausnarketa hau buruan zerabilela, bere buruarekin ere ironiko izatera iritsi zela konturatu zen. Falta zitzaiona. IV Hamar urte baino gehiagoko jardueraren ondoren, zaila zen Jurdan bezero edo ikertu baten gurari zein joera bitxiez harritzea. Denetarik ikusia zeukan ordurako Jurdanek eta azken hura bezalako bezero xelebreak –beste edonorentzat xelebre liratekeenak- etenik gabeko isuri bat ziren agentzian. Azken bezeroaren fidelitatearekiko jarrera eta haren senarraren talde sexurako joera, Muga Agentziako kasu bitxienen zerrendan ez lirateke ezta top hamarrenean ere egongo. Bere eguneroko lana ziren kasu bitxi eta bezero xelebreak eta, guztiengandik zerbait ikasten bazuen ere, laster ahazten zituen aurpegiak, izenak eta istorioak oroimenean nahasten zitzaizkion. Bezeroarengandik jasotako enkargua ahalik eta lasterren bete, kobratu eta bezeroak ahaztu. Horretara mugatzen zen bere egunerokotasuna. Ez zen lan gogorregirik, izan ere, jendeak uste baino prosaikoagoa zen. Ez zuen hiriko estolderietara jaitsi behar, ez zuen delitu gordinetan nahastu behar, droga trafikatzaileak, proxenetak, sikarioak eta antzekoak ez ziren bere eguneroko jardueran agertzen. Muga Agentziako kasuek ez lukete telesail baten gidoiak hornitzeko balioko, “adarrekin” loturiko kasuak baitziren gehienak eta adarrekin lotutako kasu guztiek bat bera ziruditen. Errutinan hondoratzen zihoala sentitzen zuen Jurdanek, bere lanarekiko grina galtzen ari zela. Zeren, segundo bakar batez hausnartu zuen bezeroak eskaini zion monogamiaren toxikotasunari buruzko ikuspegiaren aberastasunaz, eta segidan, berehala, burura etorri zitzaion pentsamendua “kobratutako beste kasu bat” izan zen. Hilabete hartan ez zen estu ibiliko hipoteka, fakturak eta Yerairen nomina ordaintzeko. Atsegin zuen Jurdanek langile autonomoaren ajeak behin eta berriz errepikatzea, baita bere buruari ere, nahiz eta soberan jakin horretarako motiborik ez zeukala. Zintzoa izanik, negozioa abian jarri zuen momentuan soilik sufritu zituen zailtasun ekonomikoak. Garai hartan, Muga Agentzia fundatu zuenean, gayak ezkontzen ari ziren oraindik, ez zuten dibortziatzeko nahikoa astirik izan, eta Jurdanen negozioa ideia berritzaileegia zen orduan. Baina laster, gayen arteko lehenbiziko dibortzioetan Jurdanen esku hartzea zein erabakigarria izan zen hiri osoan ahoz aho zabaldu zenean, enkargu berriak bata bestearen atzean iristen joan zitzaizkion, eta ordutik ez zitzaion sekula lanik ezta dirurik falta izan. Horrela, azken bezeroak bulegoa utzi zuenean, argazkiak paper suntsitzailean sartu eta ordenagailua piztu zuen Jurdanek, zain zeuzkan bezeroen zerrendan hurrengoa zein zen kontsultatzeko. Ziur ezer benetan berezirik ez zela agertzen. Beste senar engainatu bat izango zen, enegarrena. Deituko zion, enkarguaren xehetasunak argitzeko hitzordua jarriko zuten eta lanean jarriko zen, berehala, enegarrenez. Ordenagailua piztearen zain zegoela –informatika ekipamendua agentziaren zaharberritze proiektutik kanpo geratu zen aurrekontu faltagatik-, Yeraik deitu zion harrera gelatik: -Endika Egurrola jaunaren txoferra dago hemen eta zurekin hitz egin nahi du. Sar zedila erantzun zion Jurdanek. Yerairen adineko gazte bat sartu zen, trajez eta gorbataz jantzia. Slim-fit moldekoa zen trajea eta gris argi kolorekoa –perla grisa izan zitekeen baina Jurdanek ez zituen koloreen ñabardurak oso ongi ezberdintzen-, eta antzeko kolorekoa zen gorbata ere. Ilea modara, Yeraik jarraitzen ez zuen modara, maisuki ebakia zeraman eta arduraz orraztua. Idazmahairaino urreratu eta eskua luzatu zion Jurdani. -Egun on, Erik naiz, Endika Egurrola enpresariaren txoferra –luzatuta mantendu zuen eskua, baina aurrerantz makurtu gabe, Jurdan zutitzera behartuz-. Egurrola jaunak zure zerbitzuak kontratatzeko interesa dauka eta horri buruzko elkarrizketa bat izan nahiko luke. Bere etxean, orain. Nik eramango zintuzket eta bueltan ekarriko. Lasai eta ziur esan zuen guztia, segidan, kokotsa jaitsi gabe, ezta Jurdan berriz eseri ondoren ere. Erik harena bezalako buruaskitasunek Jurdan izorratzen zuten, batez ere hain pertsona gazte batengandik zetozenean, mundutik eta bizitzatik oraindik asko ikasi behar zutela esan nahi baitzuen. Oinak apur bat geldiarazi behar zizkiola erabaki zuen: -Pozten nau Egurrola jaunak nigan pentsatu izanak eta pozik bilduko nintzateke berarekin, baina lanpetuta nago momentu honetan eta ez zait posible. Beste egunen baterako hitzordua zehaztu zenezake Yerai nire idazkariarekin, irteterakoan. Erik bezalako millennial ausart eta lotsagabe batek, bereziki Endika Egurrolaren ordezkari izendatutako batek, ez zuen erraz etsiko baby boomer baten zakarkeria batengatik soilik: -Egurrola jauna nor den azaltzea soberan zegoela uste nuen, batez ere zu bezalako eskarmentu eta sonadun ikertzaile pribatu bati. Baina, ezagutzen ez duzula ikusirik, mundu mailan ezaguna den hotel kate baten jabea dela esan behar dizut. Enpresari gazte baina arrakastatsu eta aberatsa da. Eta gay dela onartu eta aldarrikatu du beti. Finantzen eta gizartearen maila gorenekin harremanak ditu eta gay komunitateko pertsonaia esanguratsu bat da. Guzti hau jada jakingo zenuela suposatu nuen. Egurrola jaunarentzat lan egitea zure negoziorako zein onuragarria izan litekeen ez nuen uste aipatu beharko nuenik. Egurrola jauna pozik geratuko balitz zure lanarekin, bere adiskideei kontatuko zien, eta estatuko fortuna nagusienak izango zenituzke zure atean joka. Baina interesik ez baduzu Egurrola jaunarekin elkarrizketa izateko, ez dio axola, suposa dezakezunez dozenaka ikertzaile pribatu gay daude hirian halako proposamen bati erantzuteko irrikan. Gehiegizkoa zen hura. Nola ausart zitekeen tonu hura erabiltzen! -Bai, badakit nor den Endika Egurrola, noski, baina zuk ez zenekien horrelakorik hona sartu zarenean. Heziketazko aurkezpentxo bat ez zegokeen soberan. Esan dizudan bezala, Egurrola jaunarekin lan egiteko prest banago, bai, baina profesional bat naizelako eta ez horrek ekar diezadakeen publizitateagatik. Zeren, sinets iezadazu, harentzat lan egingo banu inork ez luke jakingo. Gure bezeroen anonimotasuna bitxi preziatu bat bezala gordetzen dugu agentzia honetan. Nire aldetik hau guztia argituta, mesedez, Yeraik hitzordua zehazten lagun zaitzake –atea seinalatu zion Jurdanek eskuarekin-. -Egurrola jauna zure ohiko zerbitzu sarien hirukoitza ordaintzeko prest legoke. Zerri ustela. Joko zikina zen hura, Jurdanen harrotasuna menderatzeko joko zikina. Agenda bat atera zuen Jurdanek idazmahaiko tiradera batetik eta orriak atzera eta aurrera pasatzen hasi zen, kopeta kizkurtuz eta bere baitan marmarka eginez. Antxonen garai analogikoan erositako agenda bat zen eta Jurdanek ez zuen hartan ezer idatzi azken lauzpabost urteetan. Baina txoferrak ez zekien horretaz ezer. -Bada… zortea izan du Egurrola jaunak –bota zuen Jurdanek begiak agendatik jaiki gabe-. Bezero batekin bukatu berri dut eta beste batekin hastear nengoen iritsi zarenean. Hortaz, ez nuke arazorik izango Egurrola jaunari nire bezeroen itxarote zerrendan bultzadatxo bat ematen. Baina zuganako adeitasunagatik egiten dut, honaino egin duzun bidaia alperrik izan ez dadin. Hurrengoan hobe luke Egurrola jaunak telefonoz deitzea hitzordu bat ixteko. -Hori suposatzen nuen, arazorik ez zenuela izango. Hurrengokoak hurrengoan ikusiko ditugu. Umemoko haren ironia handikiak Jurdan izorratzen zuen, baina lan bakar baten truke hiru ordainsari jasotzearen ideiak urguilua irensten laguntzen zion. “Zure tokian banengo ez nintzateke hain pozik egongo egindako lanarekin, azken finean azpijoko baldarrenera jo behar izan duzu-eta, diru hotza mahai gainean jartzera. Hori edonork egin dezake.” -Yerai, kanpoan egongo naiz egun osoan. Mesedez, atzera itzazu gaurko neuzkan hitzorduak –Erikek ondo entzuteko moduan bota zion Jurdanek Yerairi, honen atzetik lasterka agentziatik irteten zela. -Lasai –erantzun zion Yeraik, xalo, txoferrak arazorik gabe entzuteko moduan ere-, gaurko ez zeneukan beste hitzordurik. Dramatizazioaren kontzeptua behar bezala ulertzeko zailtasunak zeuzkan Yeraik oraindik. Range Rover beltz bat, atzeko leihatilak tindatuak zeuzkana, eraikinaren atearen aurrean bertan aparkatuta zeukan Erikek. Jurdanek ez zekien gehiegirik autoen inguruan baina, enpresari errespetagarri baten ordezkaritzan, beste zerbait espero zuen, Rolls bat agian ez, baina tamaina handiko Mercedes edo BMWren bat bai. Auto hura, kolore hartan, atzeko eserlekuetan egiten zena ezkutatzen zuena, Pit Bullen bideo batetik ateratakoa ematen zuen, koka trafikatzaile eta modeloz beteriko bideo batetik. Txoferrak atzeko atea zabaldu zion Jurdani autora igo zedin eta orduan ere, berez morrontza keinu bat zenari, bere harrotasun edo nagusitasun kutsua eransten jakin zuen psikopata hark. Jurdanek ezingo zuen zehatz esan zertan nabaritu zion, baina sentsazioa argi antzeman zuen: zaldun bat karroza batera igotzen bezala baino, elbarri bat ibilgailu egokitu batean esertzen edo atxilotu bat polizi autoan sartzen bezala sentitu zen Jurdan une hartan. Narritagarria zen benetan gizontxo hura. Bere lekuan jartzeko, Endika Egurrola hura nor demontre zen galdetu behar izan zion, oinak geldiaraziko zizkion horrela, baina berandu otu zitzaion. Raymond Chandleren pertsonaien erantzun azkarretarako erraztasuna eduki nahiko zukeen Jurdanek, baina ez zuen sekula lortuko. Jaiotzatiko dohain bat zen hura eta Jurdani ez zitzaion suertatu. Erik hark soberan zekien Endika Egurrola nor zen detektibe gay bati –gay bati, orokorrean- azaltzeko beharrik ez zegoela, mundu guztiak –“gay mundu” guztiak- hitzetik hortzera baitzerabilen Endika Egurrolaren izena. Jurdanek ere, noski, baina ezjakinarena egin behar izan zuen. Hurrengoan izan beharko zuen. Orain hobe Erik hark hitz gehiagorik zuzentzen ez bazion eta autoa gidatu baino besterik ez bazuen egiten. Badaezpada, Erikek solasean hasteko tentazioa ez izateko, telefono mugikorrarekin lanean hasi zen Jurdan, nahiz eta inolako zereginik ez izan momentu hartan. Zer demontre nahiko zuen Egurrola bezalako norbaitek Jurdanengandik? Jurdanek zekienagatik ezkongabe zegoen-eta Egurrola. Bai ondo zekien Jurdanek Endika Egurrola nor zen. Estatu osoko hotel enpresari nagusienetako bat zen Endika Egurrola eta agian ezagunena. Kaletik inkesta bat egitekotan, hotel enpresari ezagunen izenak galdetuz, izenen bat erantzungo lukeen jende gehienak, gehien gehienak, Endika Egurrolarena baino beste izenik ez zuen jakingo ziurrenik. Adineko jendeak izan ezik. Adineko jendeak Egurrola izenarekin beste norbait ezagutzen baitzuen. Orduan Endika zen “Egurrola” abizenagatik ezaguna zena, baina beste garai batean “Egurrola”, horrela, izenik gabe, Endikaren aita izan zen, nazioarteko enpresari famatu eta boteretsu bat izan zena. Egurrola aitak garaiko agintari politikoekin oso harreman estuak izan zituen beti eta ustelkeriaren susmoek beti jarraitu zioten ere. Ohikoak izan ziren garaiko hedabideetan Egurrola aitaren argazkiak, orduko gobernukideekin, gobernuko presidentearekin eta erregearekin ere aisialdia partekatzen, yatean, hipodromoan eta antzekoetan. Harreman pertsonal hauen atzean ezkutatzen zen interes ekonomikoa zein neurritakoa zen, eta zein norabidean, ez zen sekula behar bezala frogatu. Egurrola aitaren dirutzaren zati handi batek harreman hauetan zeukala jatorria ez zen zalantzan jartzen, baina susmoak zeuden, eta salaketaren bat ere, harreman haietatik bi aldeek ateratzen zutela etekina, eta etekin hori esku pribatuetan egon ordez estatuko administrazio ezberdinen eskuetan egon beharko zukeela. Gobernuaren eta erregearen eraginari esker Egurrolak kontratu publikoak lortzen zituela esan ohi zen, baita nazioarteko mailan ere, zerga paradisutan ezkutaturiko komisioen truke. Baina holakorik ezin izan zen sekula frogatu, erregearen jarduera ezin baitzen epaitu ezta ikertu ere alde batetik, eta bestetik, kontzesio publiko baten zilegitasun faltagatik Egurrola salatu zutenean, auzitegi baten aurrean eseri baino lehen, hil egin baitzen Endikaren aita. Bere aspaldiko oroitzapen hauek zuzen ote zeuden berresteko, Jurdanek Googlen bilatzen zuen mugikorrarekin, baina, oso aipamen gutxi aurkitu zituen Egurrola seniorari buruz. Beste garai bat zen, Internet jaiotzen ari zen eta egunkariak ez zeuden digitalizatuta oraindik. Urte asko igaro ziren eta gertakizun asko Egurrola aitaren inguruko albisteak lurperatzen lagundu zutenak, bai, baina lurperatze horren atzean beste interesak usnatzen zituen Jurdanek. Bada, aitak zabalduriko ildoari jarraiki, Egurrolatarren bi semeak ere oso gaztetandik, nerabezarotik, egunkari eta aldizkarietako gizarte kroniketan agertzen hasi ziren. Anaia nagusiak aberaskumeek izan ohi duten izen irrigarri horietako bat zeukala gogoratzen zuen Jurdanek, baina ez zen izen zehatzaz oroitzen. Ume jaioberri batena zein andere ezkondu batena edo etxeko katuarena ere izan zitekeen izen bat zen, Txutxi edo Putxi edo antzeko ganoragabekeriaren bat. Aspaldian ez zen haren berririk entzuten edo irakurtzen, eta horregatik ahaztu zitzaion izena Jurdani, baina garai batean, gaztaroan, oso famatua egin zen, Endika baino gehiago eta hura baino lehen, garaiko neska modelo eta aktore mordo batekin harremanak izan zituelako. Mitxi edo Mitxu, Jiji edo Jili, edo dena delako honen gorabehera sentimentalei buruzko albisteak eta irudiak, Inés, Penélope eta enparauekin, ia astero argitaratzen ziren gai horiek tratatzen zituzten hedabideetan. Zer gertatu ote zitzaion? Non egongo ote zen? Ezkondu ote zen? Zergatik egiten zizkion honelako galderak Jurdanek bere buruari, bost axola bazitzaion ganorabako hura? Endika, anaia gaztea, bestalde, aitarentzat “public relations” bezala lan egiten egin zen famatu. Egurrola aita, bere adiskideen kumeak –gobernukideenak, erregearenak- elkarrekin diberti zitezen, jaiak antolatzen hasi zen, eta hauen antolakuntza Endikaren eskuetan utzi zuen. Horrela Endika orduko printzearen –geroko erregearen- eta honen arreben gaztaroko laguna egin zen, eta baita zeinu guztietako politikari boteretsuen seme-alabekin, estatuko fortuna handienetako batzuen oinordekoekin, edota ordurako konde edo baroi ziren gaztetxo batzuekin, gero duke izatera iritsiko zirenak. Lotsa sentitzen zuen Jurdanek datu guzti hauek, aspaldian gertatutako hutsalkeriak, zein ondo gogoratzen zituen ohartzerakoan. Argi zegoen betidanik nonzeberri hutsa izan zela eta jendearen pribatutasunean sudurra sartzea gustatzen zitzaiola. Hortik, agian, detektibe pribatu egitearena. Egurrola aita hildakoan bere bi semeek jarauntsi zituzten bere enpresak eta ondarea, erdi bana, baina soilik Endikak jarraitu zuen enpresari bezala lan egiten. Nagusiak –Txitxi ote zen haren izena? Mingain puntan zeukan Jurdanek.-, akzioak eskuratu eta, enpresetako kudeatzaileen profesionaltasunaz fidatuz, lanik egin gabe etekinetatik errege bat bezala bizitzea hautatu zuen. Endikak, bere aldetik, aitaren aterpe eta itzaletik at bere enpresa propioa eraikitzea erabaki zuen. Hotel kate berri bat hutsetik sortzea eta nazioarteko arrakastara eramatea izan zen Endikaren proiektu pertsonala. Eta arrakasta lortu zuela inork ez bazion eztabaidatuko, “Roaming” hotel kateak 30.000 hotel logela baino gehiago baitzeuzkan dozena bat herrialdetan, huts-hutsetik altxa zuela oso eztabaidagarria zen, “Roaming” katearen arrakastan funtsezkoak izan baitziren aitarengandik jasotako bi oinordekotzak: ondarea eta gizarte harremanak. Endika ekintzaile eta enpresari bezala ezaguna egiten hasi zenean, “Roaming” hotelen sortzaile bezala eta ez soilik Egurrolaren seme gaztea bezala, hasiera hasieratik, beti, bere sexu orientazioaren aldarria egin zuen –gay orientazioa hain zuzen ere, norbaitek oraindik zalantzarik balu-. Endika bera Gizarte Harremanen arloan hasi eta hazitakoa zelako edo, lehenbiziko momentutik bere kolaboratzaileen taldean funtsezkoak izan zituen publizista eta prentsa agentearen lanak. “Roaming” hotel katea proiektu bat besterik ez zenean, eta lehenbiziko hotela estreinatu aurretik ere, zabala izan zen Endika Egurrola enpresariaren presentzia hedabideetan. Endika Egurrola bera zen produktua Roaming produktua existitu baino lehen, eta haren irudia landu eta leuntzeko publizitate eta gizarte harremanetarako departamentuak lan itzela egin zuen eta diru eskerga inbertitu zuen. Kazetariak bere jai ospetsuetara gonbidatzen zituen eta hedabideetan publizitate espazioak erosten zituen, nahiz eta publizitate espazio horiek Endika Egurrolari eginiko elkarrizketekin eta hari buruzko artikuluekin bete. Hedabideetan agertzen zen Endika Egurrolaren irudia, ondorioz, berak bere publizistekin landutakoa zen. Ez zegoen kritikarik, antitesirik, ikuspuntu kontrajarririk. Bada, elkarrizketa eta artikulu guzti haietan, beti, Endika Egurrola gay zela aipatzen zen, espresuki, eta bere hotelak gay jendea bezalako jende “irekiari” zuzenduak zirela. Ondo gogoratzen zuen guzti hau Jurdanek, baina zalantzak balitu Googlek xehetasun osoz berretsiko zion zuzen zegoela, Endika Egurrolak erositako artikulu eta elkarrizketa hagiografiko guztiak itzultzen baitzituen bilatzaileak. Egurrolaren autoaren atzealdean zihoala, beste zereginik ez bazeukan ere, ez zuen haietako bat ere irakurtzen denbora galduko. Hedabideetako ohiko pertsonaia bat bilakatu zen Endika Egurrola, politikari, aktore, musikari edo futbolari bat balitz bezala, baina pertsonaia berezi bat zen hedabideetan, bere gizarte harremanetarako taldearen eragin eta gidaritzapean eraikitakoa: “Lehenengo Enpresari Gay Aitortua” zen Endika Egurrola, ordura arte existitzen ez zen zerbait edo norbait, negozioen mundua hankaz gora jarri eta bertan betidanik egondako aurreiritziekin bukatuko zuen iraultzaile moduko bat. Horren antzeko irudi bat iradokitzen zuten Egurrolari buruzko artikulu eta elkarrizketek. Ekintzaile bat zela azpimarratzen zuten beti, ekonomiaren suspertzaile bat, hotel kate bat hutsetik eraikitzen ari zena, aitarengandik jasotako ondarea hasiera puntu esanguratsua eta bultzadatxo erabakigarria izan zela ahaztuz. Eta aldi berean, gay jendearen eskubideen aldeko borrokan konprometitutako norbait zela zioten beti ere, bere sexu orientazioaz harro zegoen norbait, hura sekula ezkutatu ez zuena. Egurrolak eta bere publizistek gayen eskubideen aldarrikapena txakur-txirulen gauza soilik ez zela eta milioidun gay aktibistak ere posible zirela frogatu nahi omen zuten. Eta hedabideek briefinga erosten zieten, artikuluak eta elkarrizketak aberastuko zituzketen beste ñabardura batzuk ahaztuz, hala nola, Egurrolak LGTB kolektiboko beste sigla batzuekiko erakusten zuen jarrera baztertzailea eta, jakina, haren klasismo lotsagabea. Asko entzuna zeukan Jurdanek xehetasuntxo hauen inguruan, hedabideetan inoiz aipatzen ez ziren arren, hiria oso txikia baitzen eta Endika Egurrolarekin harremanak izan zituen jende mordoa ezagutzen baitzuen. Hala jakin zuen Jurdanek, esaterako, Egurrolak, bere hoteletan Pride egunean ospatzen ziren jaietara, gayak soilik gonbidatzeko agindua ematen zuela, hotela “Carmen de Mairenaz bete” ez zedin. Transexualak aldamenean nahi ez zituela argi uzten zuen, baina lesbianak hoteleko jaietan ez onartzeko agindurik eman beharrik ere ez zegoela uste zuen, lesbianek jairik egiten ez zutela eta etxean gordeta elkarrekin borrokan geratzen zirela uste baitzuen. Eta jakina, bere jaietara gayak sar zitezkeen, bai, baina soilik baldin eta aberatsak baziren, edo, zentimorik ez izatekotan, guapoak edota gihartsuak baziren. Jurdanek ez zuen sekula Endika Egurrola ezagutu ezta berarekin hitz egin, baina egin zutenek kontatu ziotenagatik, Endika Egurrolak jende itsusi eta txiroak bizitzeko eskubidea bazeukala sinesten omen zuen, baina nahiago zuen bere bistatik urrun ezkutatuta bizi baziren. Amorrua ematen zion Jurdani, noski, holakoak entzuten zituenean, baina gainera bitxia zeritzon Egurrolaren itxurako norbaitek beste edonoren itxura fisikoa epaitzen ausartzeari. Burusoila zen Endika Egurrola, oso gaztetandik, Jurdanek gogoratzen zituen argazki antzinakoenetan ere bazen burusoila (eta Googlek hau ere berretsi zion), eta lodi zegoen, ez modu gaixo batean baina bai berak beste norbaitengan onartuko ez lukeen neurri batean. Eta, beste edozeren gainetik, itsusia zen. Halaxe izan zen beti: anaietako guapoa Txitxi edo Txutxi hura izan zen betidanik, eta Endika, ostera, guapoa ez zena. Genetika eta patuaren baldintzapen hari aurre egiteko hartu zituen neurriek, gainera, ez zioten gehiegi lagundu. Estetizista eta aditu garestienen eskuetan jarri zituen bere hazpegiak, baina emaitzak eztabaidagarriak ziren: azal lisoa eta distiratsua erakusten zuen beti, baina bere bekainak eta ezpainak hainbeste amorratzen zuen “Carmen de Mairenarenak” ziruditen. Endika Egurrolaren argazki bat ikusten zuen bakoitzean, Jurdani, jet-seteko beste pertsonaia famatu batzuk zetozkion burura: Imelda Marcos edo Dewi Sukarno. Pentsamendu hauek buruan, bera ere noizbehinka klixean erortzen zela konturatzen zen Jurdan, hainbeste gorrotatzen zuen maritxu sugegorriaren klixean hain zuzen ere. Kontuz ibili beharko zuen. Baina bai, Egurrolak Dewi Sukarno burusoil bat ematen zuen. Endika Egurrola pertsonaiaren inguruko pentsamendu hauek, ezta beste edozein gairi buruzko hitz bakarra ere, Erik amorragarri harekin ez gurutzatze arren, telefono mugikorrarekin lanean ari zelako plantak egiten zihoan Jurdan atzeko eserlekuan. Bitartean Egurrolaren autoa, txofer gazte sarkastikoak gidatuta, hiriko erdigunetik aldendu zen. Atzean geratu ziren solairu eta etxebizitza anitzeko eraikinak, dendak, jendez beteriko espaloiak. Jurdanek entzuna zeukan noizbait Egurrola hura non bizi zen, bere lagunen bat hark antolatutako jai gay ospetsuetako batean egona zelako, baina ez zuen ondo gogoratzen lagunaren xehetasunei jaramon gutxi egin zielako. Egurrolari buruzko kontuek beti gogaitu izan zuten Jurdan, eta hara nora zihoan orain, nora eta Endika Egurrolaren bila, zerbitzu minuta gozo baten amuaren atzetik. Susmatzen zuen bezala, hiria inguratzen zuten auzo anitzetatik errenta maila gorenekora zuzentzen zela autoa ohartu zen. Diru zaharra eta diru handia biltzen zituen auzoan sartu zen Range Rovera, errejimen politiko jada kitatuen garaian aberastutako familien bizileku zen auzoan. Zipresezko horma altuak besterik ez ziren ikusten kaleko alde bietara auzo hartan, burdinazko hesiak eta gainerako segurtasun neurriak nolabait disimulatzen zuten hesi begetalak. Jurdanek bazekien auzo hartan izugarrizko txaletak zeudela, baina kaletik igaroko litzatekeen inork ezingo luke asmatu horma berde haien bestaldean zer zegoen edo zer gertatzen zen. Diru apala, diskretua, zen auzo hartan bizi zena, ez futbolari edo telebista izarren diru berri zalapartatsua. Endika Egurrola, berrikuntza eta modernitate irudi bat zabaltzen tematuta zegoen hura, diru zaharraren gordeleku zen auzo batean bizi zen. Ez zegoen kontraesanik horretan, haren dirua, azken finean, zaharra baitzen. Ez, hura ezin zen publizitate eta gizarte harremanetarako departamentuaren hanka sartze bat, aldiz, ongi hausnartutako erabaki bat izan behar zuen. Egurrolak, Roaming hotelentzat eta bere buruarentzat ere, egunerokotasun irudi bat eraikitzen eta saltzen ahalegindu arren, aldi berean ez zuen nahi jendeak bere diruaren antzinakotasuna ahaztea, ez zuen nahi diru berriarekin nahas zezatela, bera ez baitzen heldu berri horietako bat. Bere “abizenak” –ondareak- bazeuzkan hainbat belaunaldi, eta horrek, Egurrolaren uste ustelduan, nolabaiteko zilegitasunaz janzten zuen bere dirua. Antzinakotasun hau ahaztuko balitz, usteldura politikoaren abaroan edo higiezinen burbuilarekin batera aberastutakoen taldean nahastuko luke iritzi publikoak, eta ez zegoen horrelako zerbait onartzeko prest -nahiz eta egiatik urrunegi ez egon-. Egurrolak benetan nahi zuena hedabideei egiten zien ehunka adierazpenetan, edo halaxe antzematen zion behintzat Jurdanek, antzinako dirua modernitate zapi batekin garbitzea, zuritzea zen. Antzinako dirua ideia ultraeskuindarrekin soilik erlazionatu ez zedila lortu nahi zuen. Aberats izatea, antzinako aberats zehazki, eta aldi berean progresista izatea, aurrerakuntzekin edo ideia aurrerakoiekin konprometitua egotea posible zela frogatu nahi omen zuen Egurrolak. Hori bai, beti, ezer baino lehen, argi gera zedila bere dirua ez zela ordu laurden lehenago eta meriturik gabe irabazitakoa, baizik eta bere arbasoengandik jarauntsitakoa eta berak bere jaiotzatiko talentu ekintzaileari esker biderkatua. Halakoak esaten zituenean, edo beste batek esateko ordaintzen zuenean, Egurrola ez omen zen konturatzen aberats izatea eta dirua pilatzea genetikarekin lotutako talentu edo dohain bat zirela iradokitzen ari zela, eta hori ez zela bere irudia kutsu ultraeskuindarrez eranzteko biderik hoberena. Jendeak iragana gogoan izatea nahi zuen Egurrolak. Nerabezarotik orduan printze zena eta gero errege bihurtuko zenaren laguna izan zela gogorarazten ahalegintzen zen, harekin eta beste sendi nobleen seme-alabekin irteten zela txikitandik. Elkarrizketa guztietan, ordaindutako artikulu bakoitzean beti aipatzen zuen xehetasun hau. Eta, aldi berean, tradizio eta ideia atzerakoien ikur ziren gazte haiek, gay izateagatik sekula ez zutela jipoitu ezta txistua bota edo antzeko zerbait aditzera ematen zuen. “Fatxak ziren baina ni onartzen ninduten”, edo hobe esanda, “fatxak ziren, gayak gorrotatzen zituzten, baina ni onartzen ninduten, ni berezia naizelako”. Zer esan nahi zuen azken finean? Familia nobletako gaztetxo haiek fatxak zirela baina gayekin toleranteak? Edo bera, Egurrola, beste edozein gay bat onartuko ez luketen lekuetan onartzen zutela? Egurrolak benetan nahi zuena, bera gayen eskubideak eta presentzia ingurumen berrietara eramaten aurrekaria izan zela gogoraraztea zen. Baina azkenean beste gay askok, eta haien artean Jurdanek, ulertzen zutena oso bestelako zerbait zen, Egurrolak ez zeukala ingurumen eta pertsona atzerakoi eta homofoboen artean homofoboenekin nahasteko inolako arazorik, baldin eta harreman haietatik dirua eta gizarte posizioa eratortzen bazitzaizkion. Gay askok eta Jurdanek berak ere ez zuten Endika Egurrola gayen eskubideen aldeko borrokalari bat bezala ikusten, goranahi bat bezala baizik. Itzulipurdi gehiegi egin behar zituen Egurrolak bere adierazpenetan, burgesia tradizionalaren eta gay mugimenduaren partaide bezala agertzeko aldi berean, eta maiz kontrako emaitza lortzen zuen azkenean. Baina ez zuen printzearentzat eta enparauentzat jaiak antolatu, haiek dibertitzeko lan egin, haien intimitateko sekretu aitorrezinak gorde eta ezkutatu, guzti hori alferrik izateko eta munduak, publikoak, bezero potentzialek harreman baliotsu haiek aintzat izan ez zitzaten. Dena dela, ingurumen burges eta aristokratiko hura ideia aurrerakoiekin bateratzea, ura eta olioa nahastea, edo Britney eta Xtinaren bi jarraitzaile elkarrekin maitemintzea bezain ezinezkoa ematen bazuen ere, kontuan izan beharra zegoen Egurrolak ideia progresistatzat ulertzen zuena ez zela ezker muturreko ezer, ezta ezkerrekoa ere. Egurrolak, bere ingurukoak bezala, ideia aurrerakoiak askatasunaren gorespenarekin lotzen zituen. Mundu guztiak edozer egiteko askatasuna izatea zen aurrerakoia harentzat; mundu guztiak ezkontzeko eskubidea izatea, sexu orientazioa kontuan izan gabe; mundu guztiak bere sexualitatea askatasunez adierazi ahal izatea, inolako zentsura edo zigorren beldurrik gabe; mundu guztiak seme-alabak izateko eskubidea izatea, adopzio bidez, in vitro ernalkuntzaren bidez edo umetokien alokairuaren bidez; mundu guztiak aberats edo txiro izateko askatasuna izatea. Hori guztia aldarrikatzen zuen Egurrolak –azkenekoa ez, azkenekoa Jurdanen ironia bat zen, baina horixe zehazki ez bazuen esaten, hori ulertzen zitzaion Egurrolari-, eta aldi berean “Diru Zaharrak”, bere gizarte ingurumenak, ideia horiek beraiek zeuzkala sinestarazi nahi zuen. Jakina, Egurrolak aldarrikatzen zuen askatasuna, askatasun formala zen, teoriazkoa, balizkoa, ustezkoa, baina arazoaren zati garrantzitsu bat ahazten zitzaion –edo ez zuen ikusi nahi-: askatasun formal hori askatasun material bihurtzeko, askatasuna praktikan jartzeko alegia, baliabide materialak beharrezkoak zirela. Mundu guztiak omen zeukan –bera bezala- aberats izatera heltzeko askatasuna, Egurrolaren mundu teoriko idealean, baina nola? Nola bihur zezakeen mundu guztiak askatasun hori errealitate bat? Zer egin behar zuen mundu guztiak aberats izatera iristeko? Kazetariek normalean ez zioten horrelako galderarik egiten, Egurrola leku txarrean ez jartzeko agindua baitzekarten, honek publizitate espazio zabalak erosten baitzituen hedabideetan; baina baten batek halako zerbait galdetu balio, “lan egitea” eta “arriskuak hartzea” erantzungo zukeen Endika Egurrolak, berak egin zuen bezala. Egurrolak ez zuen sekula esango berari inork ez ziola ezer oparitu, beste aberats batzuen lelo irrigarria, soberan baitzekien aitarengandik ondare garrantzitsu bat jaso zuela eta jendeak bazekiela, baina beti azpimarratuko zuen lan eskerga egin zuela Roaming bere enpresa sortu eta aurrera ateratzeko. Eta, horrekin konforme ez eta, lan eginez gero, edonork gora egin dezakeela gaineratuko zuen, baldin eta horretarako askatasun maila nahikoa badago –liberal guztien lelo gezurtia-. Bere buruarekin harrituta zegoen Jurdan ordurako. Nola demontre zeukan hainbeste datu Endika Egurrolaren inguruan eta, batez ere, zergatik zeuzkan hain aburu landuak hari eta haren bizimodu eta ideiei buruz? Ez al zion bere buruari behin eta berriz errepikatu Egurrola eta hura bezalako gayak bost axola zitzaizkiola? Bada, antza zenez, ez. Egurrolaren publizitate eta harreman publikoetarako departamentuaren profesionaltasuna Jurdanen axolagabetasuna baino indartsuagoa eta eraginkorragoa zen. Baina ez zen hori soilik. Bai, Egurrolaren argazkiak, Egurrolarekin elkarrizketak, Roaming hotelen inguruko albisteak, etengabe aurki zitezkeen aldizkari eta telesaioetan. Egunkari, aldizkari, irrati eta telebista kateetan interes handia zeukaten Egurrola pozik mantentzen, mundu guztiak zekienez Egurrola publizitate erosle handia zelako, eta, hori gutxi ez balitz, kazetariek beraiek ere Egurrolaren hoteletara eta haren jaietara gonbidatuak izan eta haren adiskide izan nahi zutelako. Baina ez ziren hauek Jurdanen informazio eta iritzien iturri nagusiak. Jurdanek Endika Egurrolari buruz ezagutzen zituen xehetasun gehienak, haren bizitza pertsonalarekin zerikusirik zeukatenak batez ere, ez zetozen prentsatik, ahoz ahoko informaziotik baizik. Mundua oso txikia da, txikiegia, eta zer esanik ez tamaina ertaineko hiri bateko gay komunitatea. Munduko pertsona guztiak sei graduko distantziara daudela dioen teoria sinesgarria bazen, orduan, hiri bereko, adin antzeko bi gayk, Jurdan eta Endika bezalakoak, gradu bakar bateko distantziara egoteko probabilitate handiak zeuzkaten. Horrexegatik ezagutzen zuen hain ongi, berari onartzea gustatuko litzaiokeen baino hobeto, Jurdanek Endika Egurrola: elkarren ondoan edo oso gertu hazi zirelako, eta Jurdanek bere bizitzan zehar Endika Egurrolaren adiskide edo ustezko adiskideen ehunka anekdotak entzun behar izan zituelako, sarritan inolako gogorik gabe. V Zipresezko horma gaindiezin haietako baten sarreraren aurrean gelditu zen autoa. Saski baten itxura imitatuz, altzairu matezko xafla txirikordatuz osatutako hiru ate zituen sarrerak, bi handi autoentzat eta txikiago bat oinezkoentzat. Hauskor itxuradun sendotasuna. Segurtasun kamera bana begiztatu zituen Jurdanek sarreraren alde bietara, diskretuak baina ez ezkutatuak, bertara hurbiltzen zenak behatua eta grabatua zela jakin zezan. Sarreraren eskuinaldean garita bat zegoen eta zaindari bat barruan. Autoa ikustean garitatik irten zen zaindaria. Uniformez jantzita zihoan, baina ez ohiko segurtasun enpresa baten uniformeaz, baizik eta ejertzito bat asmatu eta antolatu nahiko lukeen norbaitek propio diseinatuko lukeen uniforme batez. Roaming ejertzitoko uniformea izan behar zuela hura bururatu zitzaion Jurdani. Baziren benetakoak, ordea, atezainak gerrikoan zeramatzan pistola eta eskuburdinak. Erikek zaindaria agurtu zuen, eta honek agurrari erantzun, diskoteketako atezainek eta kaletik flyerak banatzen dituzten pprrek elkarri agurtzen dioten lankidetasun keinu eta hizkera berekin. Autoentzako sarrera zabaltzeko botoia sakatu zuen zaindariak. Autoa sarrera bidean aurrera zihoan bitartean Egurrolaren –Egurrolatarren!- etxea ikusi ahal izan zuen Jurdanek. Azkenean! Zer gertatzen ari zitzaion? Aztoratuta sentitzen zen? Bat-batean? Egurrolaren domeinuetan sartzeagatik? Nor eta berak? Bere lagunen edo ezagunen bat Egurrolaren etxeko jairen batera gonbidatu zutenean, ez zuen beti esan ez ziola inolako inbidiarik pizten ala? Zertara orduan aztoramendu hura? Bere barneko grina bere printzipioekin kontraesanean zebilen ala? Lasai. Ez zen hainbesterako. Aberats eta boteredunak inguratzen dituen arkitektura guztia efektu hori eragiteko pentsatuta dago. Zipresezko hormak, altzairu txirikordatuzko ateak, zaindari paramilitarra, sarrera bide luzea, etxea bera muino baten gainean… guztia, Jurdanek orain sentitzen zuena sentiarazteko pentsatua zegoen. Hezur-haragizkoa zen Jurdan eta erne mantendu beharko zen inguru manipulatzaile hartan. Hirurogeiko hamarkadako etxebizitza ikur horietako bat zen Egurrolarena, Saenz de Oiza, Fisac edo antzeko arkitekto baten sinadura eraman behar zuena. Muinoa igo eta etxeko sarreran gelditu zuen berriz autoa Erikek, ate nagusiaren aurrean, marmol zuriko zutabez eutsitako terraza baten aterpean. Adeitasun hori izan zuen arkitektoak, bisitariak autotik etxerako hiru metro eskaseko bidean euripean ez bustitzeko. Autotik jaitsi eta Egurrolaren beste langile bat zeukan bere zain Jurdanek. Egurrolaren mundu burges-liberal hartan, ze izen erabiliko zuten langile hartaz mintzatzeko? Etxezain, zerbitzari, morroi, otsein? Ez zeraman aldean pelikuletan eta Jurdanen irudimenean etxezainek zeramaten uniformea, alegia, marradun txalekoa eta lazozko gorbata, baizik eta txoferrak zeramanaren antzeko zerbait –trajea bai, baina gorbatarik ez-. Etxezain batengandik Jurdanek espero zuen seriotasun eta zurruntasunik ezta ez zeukan, aldiz, irribarretsu agurtu zuen Jurdan eta ongietorria eman zion. -Ongi etorri, Muga jauna. Egurrola jauna zure zain daukazu. Aurrera, mesedez. Jurdanek ez zekien gauza handirik dekorazioari buruz. Bazekien ezberdintzen antzinako altzariak eta garaikideak, kalitate oneko materialak eta merkeak, eta baita estilo berritzaileak eta modaz pasatakoak, eta dekorazio bat gustu txarrekoa edo onekoa ote zen iritzia ematen ere ausartu zitekeen, baina ez zen altzariei, estiloei, diseinatzaile eta arkitektoei izena eta data jartzen dakiten horietakoa. Gay guztiak moda eta dekorazio gaietan aholkulari hoberenak –eta merkeenak- direla, eta gay bakoitzak bere barnean estilista eta dekoratzaile bat daramatzala zioen ideia zabalduari topiko irrigarri bat zeritzon Jurdanek. Millennial bat balitz topiko iraingarri bat zela esango zukeen, baina millennialak errazegi irainduta sentitzen zirela ere uste zuen eta bera iraintzeko zerbait gogorragoa behar zen memelokeria hura baino. Zekien gutxia jakinda ere, Egurrolaren etxean sartu eta berehala ohartu zen Egurrolak bere etxeko dekorazioarekin transmititu nahi zuen imajina hedabideek hartaz eta haren enpresaz transmititzen zutenaren parekoa zela, hots, estilo burges barroko zaharkituaren eta moderno minimalista esklusibistaren arteko oreka zail bat. Jurdanek ez zekien estilo hark izen berezirik ote zeukan, baina etxe hartan sartzerakoan burura etorri zitzaion irudia Belle Epoqueko antzoki abandonatu eta sitsak jandako batena zen, goitik behera berriztatu zutena diskoteka vip bat bilakatzeko. Halleko zorua marmol ilunezkoa zen; erdian, azken minutuko diseinuko alfonbra sinatu bat zetzan –bai, sinadura alfonbran bertan irakur zitekeen-; honen gainean XVIII. mendekoa zirudien kaobazko hanka bakarreko mahaitzar bat zegoen, eta, honen gainean, hogei litroko beirazko lorontzi bat tropikoko lore freskoz betea. Hormak kolore liso apaletan margotuak zeuden, argi puntuak ezkutatuta zeuden eta argiztapena zeharkakoa zen, epela. Hallaren atzealdean marmolezko eskailera zabal bat zegoen, hotel edo antzoki dotoreetakoa bezalakoa, lehen atalaren ondoren bitan banatzen zena, eskuin eta ezkerretara. Jurdanek ez zuen jakingo goiko pisua nolakoa zen, etxezainak jarraitzeko eskatu –mesedez- eta beheko pisuko korridore batetik jo baitzuen. Bidetik, ibilaldia arintzeko edo, xaboia ematen jarraitu zuen etxezainak: -Zinez eskertzen dizugu berehala etorri izana, badakigu pertsona okupatua zarela eta. Egurrola jauna zure zerbitzuekin oso interesatua dago, erreferentzia oso onak jaso baititu zure lanari buruz, eta asko poztu da bidean zetozela jakin duenean. -Ez horregatik. Jurdanek ez zuen gehiagorik esan, momentuz, misterio apur bat gordetzeko eta urduri zegoela agerian ez uzteko, baina nola demontre jakin zuen Egurrolak bera bidean zetorrela? Agentziatik irten zirenetik txoferrak ez zuen telefono deirik egin ezta mezurik bidali eta! Antza, Jurdanen ezezko erantzun baten posibilitatea ez zitzaion burutik ere pasa Egurrolari. Espero baino luzeagoa izan zen korridoreetako paseoa eta aukera eman zion honek Jurdani Egurrolaren dekorazio estiloaren beste adibide batzuk identifikatzeko. Castellano estiloko altzariren bat eta honen parean Philippe Starckena izan zitekeen kontsola bat –Jurdanek ez zuen beste izenik ezagutzen eta diseinu garaikide eta minimalistako edozein gauza Philippe Starckena bezala identifikatzen zuen-. Haien gainean, txinatar jadeak –jade baitziren eta, hortaz, txinatarrak izan behar zuten Jurdanen buruan- eta Jeff Koonsen puztuki txakurtxo bat. Hormetan, Egurrola aitaren erretratu bat, Antonio López edo antzeko batena izan behar zuena, eta Fabio Macnamararen koadroren bat ere. Egurrolaren bulegoa izan behar zuen gela bateko atearen aurrean gelditu zen etxezaina azkenik. Atea jo eta erantzunari itxaron gabe barrura sartu zen. Jurdanek jarraitu zion. Idazmahaiaren atzean eserita zegoen Endika Egurrola, baina agurtzera jaiki eta aurreratu zen. -Egun on Muga jauna –eskua luzatu zion-. Benetan eskertzen dizut hain laster etortzea. Aspaldian nenbilen zurekin bilera izateko gogoaz, baina ez nuen agendan hutsunerik aurkitzen. Gaur ere lan bidaia batera atera behar dut eta etorri ez bazina ezingo genuen epe luzean elkartu. Mila esker berriz ere. Neurrira eginiko traje eta alkandora zeramatzan Egurrolak soinean, urdin iluna bata eta zuri zuria bestea. Gizonezko couture marka berritzaileak espero zituen Jurdanek –Gucci, Prada, Balmain- eta ez sastre anonimo baten eskulana. Diru berriaren erakusgarri omen ziren marka haiek Egurrolaren buruan, edo gaueko irteeretarako soilik gordetzen zituen. Lanean eta negozioetarako, ordea, bere irudiaren alde kontserbadoreena erakustea nahiago zuen, antza. Eskua estutu zionean Rolex bat begiztatu zion Jurdanek eskuturrean. Paparrean zeraman gorbata ere Hermes bat zela ohartu zen –Hermes gorbatak daramatzan jendeak badaki marka erakusten-. Marka handiak, luxuzkoak, baina “diru zaharraren” ikur zirenak. -Endika Egurrolaren eskaintza bat beti da erakargarria, ez dut ukatuko –erantzun zion Jurdanek-. Jakin mina eragin dit zure deiak. -Eser gaitezen orduan –bulegoko txoko batean zeuden besaulki pare baterantz seinalatu zuen-. Zerbait hartu nahi duzu, kafea, freskagarriren bat? -Ondo nago, eskerrik asko. Jurdanen erantzun hau entzundakoan, agur esan eta bulegoa utzi zuen etxezainak. Egurrola eta Jurdan bakarrik geratu ziren, aurrez aurre. -Tira. Hasteko, intimitatearekin lotutako gaiez mintzatuko garenez, izenez deitzea nahiago nuke, horrekin arazorik ez badaukazu. Endika nauzu. -Jurdan. Nik ere nahiago nuke. -Bada… Nire deia hain bat-batekoa izanik, badakit ez duzula nire gaineko informazioa biltzeko astirik izan. Hortaz, ez dakit ezkontzera noala jakingo duzun. -Zorionak. Zerbait irakurria nuen. -Eskerrik asko. Bai, hedabide askotan agertu da albistea. “Jet-seteko lehenbiziko gay ezkontza”, halaxe jarri diote izena. Hau lotsa. Presaz edo gogorik gabe idazten ari zen kazetariren bati otu omen zitzaion izentxoa eta gainerakoei egokia iruditu zitzaien. Lotsa ematen dit, benetan. Jet-seta iraungitako kontzeptu bat da, ezta? Iraganeko irudiak dakartza gogora. Marbella, Gunilla, Jaime de Mora. Lanik egin gabe, etengabeko ospakizun batean bizi den giza talde txolin eta hutsal bat dakar burura jet-set kontzeptuak, ezta? Niri bai, behintzat. Ez zait bidezkoa iruditzen ni talde horretan sartzea. Lan egiten dut nik. Dirua irabazteko, bai, baina aberastasuna eta lanpostuak sortzeko ere, ez naiz dirua jaietan xahutzen dabiltzan horietakoa. Baina tira, ñabardura horiek ez omen dituzte kazetariek sumatzen eta jet-setar etiketa onartu beharko dut, bidezkoa iruditzen ez zaidan arren. Gogor hasten zen Egurrola. Zenbaterainoko manipulazioa bil zezakeen hain hitz gutxitan! Harrituta zegoen Jurdan. Orain ulertzen zuen zergatik Egurrolaren irudia, hari buruz kaleratzen ziren iruzkinak, ez ziren aldatzen hedabide batetik bestera. Politikari bat, lapur ustel bat izan zitekeen egunkari batentzat eta mesias bat beste batentzat; aktore bat, edertasun eta talentuaren eredu nagusia bezala deskriba zezaketen telesaio batean eta konpetentziako katean aldiz aktoreak produktorearekin omen zeuzkan sexu gorabeherak nabarmenduko zituzten; baina Egurrolari zegokionez, aldizkari guztiek, telesaio guztiek, “enpresari eta ekintzaile gazte, gay eta arrakastatsu” bezala deskribatuko zuten. Beti. Nola ez, ez baitzion inori zalantzarako, hausnarketarako ezta arnasarako ere aukerarik ematen! Ez zen isiltzen Egurrola: -Gainera, jet-setekoa izatekotan, ni izango nintzateke jet-setekoa eta ez ezkontza. Ondarea daukat eta nire gizarte ingurumena jet-setekotzat har daiteke, ados, onartzen dut, baina nire senargaiak ez dauka inolako zerikusirik mundu horrekin, mutil langile bat da. Erizaina da ogibidez. Adineko pertsonen egoitza batean lan egiten du. Bertan ezagutu nuen, gure izeko bat, amaren ahizpa bisitatzera joan nintzenean. -Eta zein litzateke nik egin beharreko lana? Moztu behar izan zion Jurdanek. Hitz jario hura gehiegizkoa zen. Gizon okupatua izango zen Egurrola, bai, baina bere ahotsa egun osoan entzuten okupatutakoa. -Nire senargaia jarraitu, zelatatu, ikertu. Maiteminduta naukan gizon hori benetakoa den berretsi, edo gezur, iruzur bat den aurkitu eta mozorroa kendu. -Esan dizudanez zerbait irakurria daukat zure ezkontzaren inguruan eta, erreportaje hartan ziotenagatik, ezkontzaren data jarrita daukazue dagoeneko. Horrenbestez, urtetan zehar nire lanean ikusi ditudanak ikusita, aurretik ohartu behar zaitut: ikerketa honen ondorioz zerbait ezezagun eta desegokirik azaleratuko balitz, ezkontza bertan behera uzteko prest zeundeke? -Arrazoi duzu, beranduegi goaz. Noa. Agian lehenago egin behar izan nuen hau, baina zeharo maiteminduta nago eta itsuki, inolako ikerketarik gabe eskatu nion Alaini nirekin ezkontzeko. Erabat fidatzen nintzen berarekin, Alainek ez dit inoiz susmatzeko motiborik eman. Alain nire diruan interesatuta egon balitz, uste dut sumatzen jakingo nukeela, ohituta nago horrelako jende interesatua inguruan izaten-eta, baina Alainek ez dit sekula horrelako interesen zantzurik erakutsi. Pentsa hasieran ez zizkidala gonbidapenak eta opariak onartzen! Eivissan asteburu bat pasatzera gonbidatu nuen lehenbizi. Lagunarteko ospakizun bat zela esan nion, jazarrita sentitu ez zedin, baina aldi berean bost izarreko hotelaren, jatetxe esklusiboen eta vip sarreren datuak erortzen utzi nituen, gonbidapena erakargarria, ukaezina bihurtzeko. Asteburuetan lan egiten zuela erantzun zidan, asteburu guztietan. Geroago enteratu nintzen hiru asteburutik batean lan egiten duela. Erloju bat oparitu nion gero, edo oparitzen saiatu nintzen hobe esanda, zeren bezeroengandik opariak jasotzea debekatuta zeukatela esan baitzidan eta ez zuen hartu. Maisu mailako erantzuna deritzot orain erantzun horri: berarentzat bezero bat baino ez nintzela argi uzten zidan, bestelakorik uste banuen. Erloju haren prezioa Alainen bospasei hilabeteko soldataren parekoa zen. Lotsa ematen dit orain hori gogoratzeak, aberats berri bat bezala jokatu izanak, baina holako portaerak izatera ohitua nengoen mutil bat (edo gizon bat) liluratu nahi nuenean. Ordura arte ez zitzaidan gaizki atera, baina Alainek, oso dotore, oinak geldiarazi zizkidan. Halere, ez nuen etsi, suposa dezakezunez, baina kasu honetan ez nintzen tematu haren hasierako erresistentziak menderatzeko kapaza nintzela erakusteko. Bai, gogoko dut arrazoia edukitzea, azken hitza izatea, ez dut ukatuko, baina ez zen hori kasua. Ez nuen Alain “ehizaki” bat bezala edo “garaikur” bat bezala ikusten, zinez diot. Alain benetan gogoko nuen, horregatik tematu nintzen, eta halaxe esan nion. Zintzotasunez sentitzen nuena esan nionean, aurretiko azpijoko lotsagarri haiek alde batera utzita, orduan onartu zuen nirekin irteteko gonbidapena. Berriro diotsut, Alainek ez dit sekula gold-digger bat dela susmatzeko motiborik eman. Alderantziz: pentsa ezazu bere interesentzat onuragarria den ezkontza aurreko itun bat sinatzeko ideia nirea izan zela, ez berea. Alainengatik izan balitz, noizbait dibortziatuko bagina, matrimoniora iritsi bezala alde egingo zuen berak, nigandik zentimorik jaso gabe. Ni izan nintzen, nahiz eta nire interesen aurka joan, dibortziatuz gero Alaini kalte ordain bat eman beharko niola proposatu zuena. -Asmo onekoa zarela erakutsi duzu zuk ere horretan. -Mila esker. Hala da, bai, baina neurri batean soilik. Zintzoa izan behar dut zurekin, erabat. Ez luke zentzurik izango nire etorkizuneko bizitza proiektua kolokan jar dezakeen ikerketa bat enkargatuko diodan ikertzaileari gezurretan hastea edo egiaren zati komenigarriena bakarrik ematea. Norbaitekin zintzoa izan behar badut, zurekin da une honetan. Egia da, bai, alde batetik bidezkoa ikusten nuela Alaini kalte ordain bat ematea nire erruagatik dibortziatuko bagina, nire alboan aguantatutako urte guztiengatik. Baina beste arrazoiak ere bazeuden nire interesen aurkako akordio horretara iristeko. “Jet-seteko lehenengo gay ezkontza” zen jada gurea, horrela bataiatu zuten, eta ez dago jet-seteko ezkontzarik aurreakordiorik gabe. Nahitaezkoa da. Eta gurea (nirea zen heinean) ezin zitekeen nolanahikoa izan, mundu guztiak hartaz hitz egingo baitzuen. Ezkontza berezia da gurea, bitxia, bere motako lehena, eta mundu guztiaren begiak gure gainean egongo dira. Zorionez edo zoritxarrez hedabide guztietan aterako da gure ezkontza, eta senarren arteko akordioa guztietan iruzkinduko dute, eraztunak edo gonbidatuen jantziak komentatuko dituzten bezala. Hortaz, gure ezkontzan besteek jarri dituzten itxaropenen mailari eutsi beharko diogu. Jet-seteko ezkontza bat izango bada, eta horretan badirudi mundu guztia ados jarri dela, mota honetako ezkontzen ezaugarri eta errito guztiak xehetasunez betetzera behartuta gaude. Zeren, bestela, jet-seteko lehen ezkontza gay honek jet-seteko ezkontzen erritualak errespetatuko ez balitu, gay ezkontzak benetako ezkontzak ez direla aldarrikatzeko argudioak ematen ariko ginateke, simulazio bat direla, pastitxe bat. Eta inork ez du horrelakorik nahi. Nik ez behintzat. Eredugarri izateko erantzukizuna daukagu. Jurdanek argi sumatzen zuen Endika Egurrolak nahiago zuela begi bat galtzea bere gizarte zirkuluan norbaitek bere ezkontzari halako akatsen bat ateratzea baino. -Alainek ez dit susmo txarrik izateko arrazoirik eman. Hartaz fidatzen naiz, baina lagunek burua kutsatu didate. Alainek zerbait ezkutatzen duela errepikatzen didate, zerbait ilun, behin eta berriz. Iruzurgile bat dela susmatzen dute, edo iruzurgile talde bateko kidea. Nire lagunek mundu guztiak beraiek bezain pragmatiko eta anbiziotsu izan behar duela uste dute, materialista eta berekoi ez esate arren, eta ez dute ulertzen Alainen hurkoarekiko zerbitzu borondatea eta diruarekiko interes falta. Alainena antzezpen bat izan behar duela sinetsita daude eta konspirazio teoriak asmatzen dituzte: Alain nire diruaren atzetik dabilen nazioarteko iruzurgile talde baten aurpegia dela, aktore bat dela. Horren antzeko ehunka txorakeria esan eta azkenean niri ere tukua piztu didate. Ongi zekien Jurdanek Endika Egurrola bezain tipo handiki baten autoestimuari kilimak egitea joko arriskutsua zela, baina eskaini zion parada ez zuen pasatzen utziko. -Itzela izan behar du besteek zurekiko dauzkaten sentimendu onez beti susmatzea. Barkatu espresioa, baina infernu bat izan behar du mundu guztiak zure dirua maite duela, eta ez zu, sinestea, edo susmatzea behintzat. Hura bezalako iradokizunak bekaizkeriak eragindakoak zirela bazekien Egurrolak, txikitandik jasan behar izan zituelako, eta ohitua zegoen haiei merezi bezala erantzutera. -Lasai, ez zara antzeko zerbait esaten didan lehenengoa. Ez pentsa, horrekin bizitzen ikasten da. Ez da beste edozein pertsonak izan ditzakeen arazoen artean larrienetakoa ere. Azken finean batzuk bere edertasunagatik dira maiteak, beste batzuk euren sona edo ospeagatik, eta beste batzuok gure diruak egiten gaitu erakargarri. Baina hori horrela dela behin onartuta, nork zure dirua soilik nahi duen eta nork zu ere maite zaituen ezberdintzen erraz ikasten duzu. -Zertan orduan Alainen gaineko susmo horiek? Pertsonen interesak ongi ezberdintzen baldin badakizu, zer diotsu zure senak kasu honetan? -Alainek maite nau, ziur nago. Edo ehuneko laurogeita hemeretzian ziur behintzat. Baina susmoak eragin dizkidaten guzti horiei, nire lagunak direla eta nire onuragatik egin dutela badiote ere, muturrean jo nahi diet zure ikerketaren emaitzekin. Egurrolari letagin batek distira egin ziola iruditu zitzaion lehenago Jurdani, bere iruzkin oldarkorrari erantzutean hain zuzen, eta orain berriz argi ikusi zuen distira hura, letaginean eta begi ninian. Botereak, besteen gainetik geratzeak, arrazoia izateak, hormonaren bat edo kitzikatzen omen zion eta pizti harrapari baten espresioa hartzen zuen Egurrolak. -Laburbilduz, arrazoia izatea da benetan nahi duzuna, eztabaida batean azken hitza edukitzea. Ados. Horrelako enkarguak izan ditut beste batzuetan ere. Baina, hori horrela, ikerketaren ondorioak espero bezalakoak ez badira, ez hil gero mezularia! -Jakina. Arrisku hori hartzen ari naizela badakit. Egia nahi dut. Eta egia mingarria bada, hobe orain jakitea ezkondu eta gero harekin topo egitea baino. Eta egia aurkitzeko, oraingoan, ikerlari gay bat behar nuen. Ikerlari hetero batek ez luke ulertuko hemen gaur zu eta biok izan dugun elkarrizketa. Gayen arazoak uler ditzakeen eta gayen arteko harremanak ikertzen aditutako ikerlari bat behar nuen, eta ezaugarri horiek biltzen dituen ikerlaririk hoberena zu zarela ziurtatu didate. -Ospe horren mailara egotea espero dut. Zutitu, eskua estutu eta tratua itxi zuten. -Nire prezio eta ordain baldintzen xehetasunak nire idazkariak emango dizkizu. Jurdanek ere gogoko zuen azken hitza izatea, eztabaida batean ez bazen ere. VI Egun ederra izango zen argituz zihoan hura, udazkeneko egun oskarbi eta fresko horietako bat. Horrelako goiz batean den-dena, edozer gauza egin daitekeela ematen du. Garbi zegoen eguratsa eta zapore gozoa ere bazeukala esatera ausartuko zen Jurdan. Lan egiteko gogoa pizten zaizu eta zure lanak benetako zentzu edo funtzioren bat badaukala sinets zenezake horrelako egun batean. Benetan aldarte onean abiatu zuen Jurdanek jarraipenaren lehen eguna. Ikerketa hutsetik ez hasteko, Egurrolak Alainen inguruko informazioa biltzen zuen briefing edo txosten bat eman zion Jurdani, Alainen argazki bilduma batekin batera hura identifikatzeko arazorik ez edukitzeko. Txosten hartan agertzen zenagatik ondo baino hobeto kontrolatuta zeukan Egurrolak bere senargaia. Alainen helbidea ez ezik, haren amarena ere agertzen zen txostenean, eta Alainen lan ordutegiaz gain haren ohiko mugimenduak ere xehatzen ziren. Baldin Egurrolak guzti hura bazekien, zer aurkitu behar zuen Jurdanek? Txosten hartan islatzen zen bizimoduan ez zen hutsunerik antzematen, zentzuzkoa zirudien guztia, ordutegiak, afizioak, ohiturak. Koherenteegi, agian. Bizimodu guzti hura eszenatoki bat ote zen deskubritu behar zuen Jurdanek, dekoratuan arrakalaren bat aurkitu behar zuen zeinetatik egia irristatuko zen. Txostenak zioenez, ezkontza data jarrita bazeukaten ere, Endika eta Alain ez ziren elkarrekin sabai beraren azpian bizi. Alain ez zen bere pisutxotik Endikaren etxetzarrera mugitu eta astean behin edo birritan soilik igarotzen zuen gaua bertan. Egoitzan goizeko txanda egin behar zuenean, eta hortaz oso goiz jaiki behar bazuen ohetik, nahiago zuen bere etxean lo egitea. Txostenean agertzen ziren datu hauek soberan zeudela esango zuen Jurdanek, baina Egurrolarentzat edo txostena antolatu zuen laguntzailearentzat garrantzitsuak omen ziren. Dena dela, jarraipena abian jartzeko funtsezko datua, Alainen pisutxoaren helbidea, bertan zehazten zen ere. Jurdanek ez zuen sekula entzun kale haren izena eta Interneten bilatu behar izan zuen kokapena. Berriki eraikitako pisu batean bizi zen Alain, berriki eraikitako auzo batean, hiriaren olio orbanak erdietsitako azken mugan. Ez zuen horrelako zerbait espero Jurdanek. Horrelako auzoetan bikote hetero gazte ezkondu berriak bizi zirela suposatzen zuen, ez gazte ezkongabe gayak. Zer egin zezakeen gay ezkongabe gazte batek halako auzo batean? Asperduraren asperduraz hil? Agian Alain bideo jokoetara online jolastera adikzioa zeukaten horietako bat zen, eta berdin zitzaion hiriko zentroan zein zentrotik metroz berrogei minutura zegoen auzo hartan bizitzea, bere aisialdian ez baitzuen eguzkiaren argia ere ikusiko. Alainen jarraipenaren lehen egunean, goiz oskarbi hartan, Alainen etxearen aurrean aparkatuta, auto barruan itxaron zuen Jurdanek hura irten arte. Bertan, aurreikusitako orduan eta minutuan, britainiar puntualtasunarekin, Alain etxeko portaletik irten eta metroko ahorantz jo zuen. Autotik irten eta jarraitu egin zion Jurdanek, distantzia zuhur batera Alain ohar ez zedin. Metro bera hartu zuten biek eta aurreikusitako geltokian, egoitzatik hurbilenean, jaitsi zen Alain. Atzetik jarraituta, “Arrasti” adineko egoitzan sartzen ikusi zuen Jurdanek Alain. Horretan behintzat ez zuen gezurrik esan, lanera zihoan eta ez maitale batengana edo nazioarteko iruzurgile talde batekin konspiratzera. Baina jakina, paper bat betetzen ari zen iruzurgile bat bazen Alain, ez zuen paperaren zatirik errazenean hanka sartuko. Alainek, Endika Egurrolaren senargai bezala identifikatua izan zen unetik, bere lepo gainean begi asko zeuzkala jakin behar zuen. Kazetari eta paparazziak bere eguneroko bizitzaren argazkien bila atzetik zeuzkala bazekien, eta detektiberen bat ere zelatan izan zezakeela susmatuko zuen, erabat inozo ez bazen. Hortaz, paper bat egitekotan, ez zuen kale erdian pertsonaia abandonatuko eta edonork ikusteko moduan egiazko pertsona agerian jarriko. Iruzurgile profesional bat bazen, kaletik zihoanean tentuz ibiliko zen. Alain hormen atzean behatu behar zuela argi zeukan Jurdanek, sabai baten babespean. Kamera baten jomugan ez egotearen segurtasunarekin, agian, Alain aktorea lasaituko zen eta benetako beste Alain bat azaleratuko. Egoitzaren barruan behatu behar zuen Jurdanek Alain, lanean. Nola izango zen haren portaera jardunean? Zaintzaile profesional bat izango zen, edo atso-agureei lokartzeko pilulak arduragabeki eman baino besterik egiten ez duten horietakoa izango zen? “Arrasti” egoitza hartan barruraino sartu behar zuen. Nola? Ez zen erronka berezirik eskarmentudun ikertzaile batentzat. Mila bider eginak zituen antzekoak. “Arrasti” egoitzan sartu eta harrera mahaira urreratu zen. Berrogeita hamar urte inguruko andre batek irribarre adeitsu batez agurtu zuen eta zertan lagun zezakeen galdetu zion. Aldean zeramatzan bisita txartel faltsuetako bat eskaini zion Jurdanek bere burua aurkezteko. Txartelaren arabera Gilen Gartzia izeneko aseguru agente bat zen Jurdan, seme-alabarik ez zeukan osaba nagusi batentzako egoitza baten bila omen zebilena. Arrastiri buruzko erreferentzia onak jaso zituela esan zion andreari, baina bere begiekin egiaztatu nahi zuela bertan atso-agureek zeramaten bizimodua eta norbaitek erakustalditxo bat ematea eskertuko zuela. “Nola ez!” erantzun zion harreragileak pozik eta gerentea omen zena deitu zuen interfono bidez. Egoitzaren instalazioak erakutsi zizkion gerenteak Jurdan-Gileni -saloia, jantokia, erizain gela, logelak, bainugelak- eta paseotxoa azalpen anitzez hornitu zuen, Jurdani bost axola zitzaizkionak. Alain aurkitu nahi zuen berak. Azkenean, ibilbidearen azkeneko bihurgunetako batean, harekin topo egin zuen. Logela batean zegoen, amona bat zaintzen. Ohean agonduta zegoen atsoa eta Alain bazkaria ahora ematen ari zitzaion. Koilarakada bakoitza zorion eta ospakizun hitzekin laguntzen zuen eta irribarre batekin. Munduko pazientzia guztiarekin. -Ederto! Hori bezalako beste hiru eta gaurkoz egin dinagu. Aho bazterrak musuzapi batekin garbitzen zizkion. Erizain pijama-uniformea zeraman soinean Alainek, goiz hartako zerua bezain urdin eta garbia, eta arduraz lisatua. Adineko pertsona haren intimitatea urratzen ari ziren, bai, baina Gilen-Jurdan zaintzaileek egoiliarrekiko zeukaten tratua zuzenean ikusten tematu zen eta, azkenean, gerentea erabaki oso etiko eta bidezkoa ez zen hura hartzera bultzatu zuen. Bi ondorio interesgarri atera zituen Jurdanek handik: alde batetik, gerenteak Gilen benetako bezero bat izan zitekeela sinetsi zuen eta, hortaz, Jurdan aktore ona zela ondorioztatu zitekeen; bestetik, gerenteak zaintzaile eredugarri bat erakutsi beharrean egon eta Alain aukeratu zuen, beraz, gerentearen iritzian, Alain egoitzaren zaintzailerik onena zen, edo lan txanda hartako hoberena bai behintzat. Egoitza barreneko bisita laburbilduz: paper bat egiten ari bazen, munduko aktorerik onena zen Alain hura. Bihotz oneko erizain bokaziodunaren papera inork baino hobeto antzezten zuen, eta une oro gainera, ez soilik Egurrola eta honen ingurukoak begira zeuzkanean. Egoitzatik bere bueltatxoa amaitu ondoren, gerenteari agur esan eta Alainen eguerdiko irteera arte itxaron zuen Jurdanek egoitzaren sarreraren aurrean zegoen kafetegi batean. Bazkalorduko atsedenaldia, desleialtasunetarako ordurik egokiena, Jurdanen eskarmentuan. Jurdanek ikertutako senar desleialen ehuneko laurogeita hamarrek etenalditxo hura baliatzen zuten euren maitaleekin biltzeko. Alainek ere, zerbait ezkutatzen bazuen, une hartan agerian uzteko probabilitate gehiago zeuden beste edozein ordutan baino. Baina ez, eguerdian amarenera joan zen Alain bazkaltzera, seme txintxoek, batez ere Alain bezalako ama alargunen seme gay txintxoek, egin ohi duten bezala. Egurrolaren taldearen eskutik jasotako txostenean ziotenagatik hura Alainen amaren helbidea zen, baina badaezpada Jurdanek postontzian berretsi zuen helbide hartako biztanlearen izena. Bai, txostenean Alainen amarena bezala agertzen zen izen bera agertzen zen postontzian ere. Aurretik, jarraipena hasi baino lehen, Jurdanek Erregistro Zibilean kontsultatu zuen txosteneko andrea benetan Alainen ama ote zen, litekeena baitzen hura ere iruzur handi bateko beste pieza bat izatea. Baina ez, Alainen ama zen eguerdian bazkaria prest zeukana bere semetxoa lanetik irteten zenerako. Amaren etxetik lanera bueltan eta lanetik, etxetik igaro gabe, gimnasiora joateko astia izan zuen Alainek arratsaldean. Gimnasioa ere, amaren etxea bezala, lantokitik gertu zegoen, metro geltoki pare bat baino besterik ez zituen egin behar Alainek kasu bakoitzean –eta Jurdanek haren atzetik-. Ez zen gimnasiora sartu Jurdan, Alainek egun berean birritan ezezagun bera ikusiko balu, atzetik jarraika zeukala susmatzen hasi zitekeelako. Zortea izan zuen halere, Alainen gimnasioak zorutik sabairainoko leiar zabal bat kalera begira daukaten horietakoa baitzen. Diseinu horren eraginkortasuna eztabaidagarria bada ere -kaletik igarotzen den jendearengan soinketa egiteko grina sortzeko eta barrura erakartzeko pentsatuta dago, baina aldi berean gimnasioko erabiltzaileen intimitatea kolokan jartzen du eta horrek bat baino gehiago aldenduko du-, Jurdani primerakoa suertatu zitzaion horma garden hura. Gimnasioaren aurreko espaloian zegoen terraza batean eseri eta Alainen gimnasio barneko nondik norakoak behatu ahal izan zituen patxadaz. Ezer berezirik ezta ere gimnasioan. Spinning klase bat baino besterik ez zuen egin Alainek. Bere adineko beste bizpahiru gazterekin hitz batzuk gurutzatu zituen, baina ezer susmagarririk ez. Metroan itzuli zen Alain etxera –Jurdan alboko bagoian segika zihoakiola-. Etxean sartu eta ordu erdira Endika joan zitzaion bila, txoferrak gidatutako autoan. Eta horrekin amaitu zen Jurdanen jarraipenaren lehen eguna. Ez zen ezer susmagarririk antzematen Alainen portaeran. Tipo arrunta ematen zuen Alain hark. Hain arrunta ezen interesik gabekoa ere bazela esatera ausartuko litzatekeela Jurdan. Bai, ederra zen, hori ezin zitekeen uka, ederra ez balitz Endika Egurrola bezain azaleko norbaitek ez baitzuen harengan erreparatuko, baina ez zen harena edertasun deigarri, liluragarri bat. Egurrolak, Jurdanek zekienagatik, dozenaka agentzia mutil eder zeuzkan etengabe inguruan limurkeriatan, modelo edota aktore izan nahi eta diskoteketako pprr bezala lan egiten duten horietakoak. Edertasunaren alde objektibo eta neurgarriaren aldetik, guztiak ziren Alain baino ederragoak. Haiek ez bezala, Alain ez zen bereziki altua, ez zen ilehoria, ez zeukan begi urdin gardenik, ezta greziar estatua baten gorpuzkera ere. Ez zen azkeneko modara janzten eta ez zituen giharrak puzteko esteroideak hartzen. Ile ilun itxia zeukan Alainek eta bizartxo labur eta ez hain itxia. Betaurrekoen atzean ezkutatzen zituen begiak ilunak ziren ere. Gimnasioaren leiarraren zehar Jurdanek ikusi zuenagatik, gorputz tonifikatu baina argala zen Alainena. Eta modari zegokionez… Yerairena bezalako axolagabetasuna erakusten zuen, lotsarik ezta ardurarik gabe. Ederra zen Alain, bai, baina arruntasunaren edertasun diskretua zen harena. Paregabeko edertasuneko mutilak bere pentsura izaten ohitua zegoen Endika Egurrolak, zer ikusi ote zuen Alainengan? Zer zela eta maitemindu zen harekin? Hasierako begirada batean antzeman ezin zitekeen zerbait gehiago eduki behar zuen Alain hark. Hari jarraika asmatuko zuen Jurdanek “zerbait gehiago” hura zer zen. Edo ez, agian ez zegoen besterik Alainengan arruntasun aspergarriena baino, amodioa sarritan itsu eta gor baita. Hurrengo egunetako zelatatzeak lehenbizikoa bezain aspergarriak izan ziren. Baita gauekoak ere, Alainek gaueko txandan lan egin behar bazuen Jurdanek berdin berdin jarraitzen baitzuen. Eta lanegunetan ez ezik, aisialdian ere zelatatu zuen Jurdanek Alain, antzeko emaitza etsigarriekin. Larunbatean lagunekin geratu zen Alain botiloi egiteko ibai ertzeko paseoan –Ez al zen nagusiegia Alain oraindik botiloi egiten ibiltzeko? Zein adinera arte egiten zuten botiloia gazteek? Zertarako zeuden tabernak haien ustez?- Urrundik zelatatu behar izan zuen orduan, ingurumen hartan Jurdanen adineko norbait susmagarriegi zatekeelako. Ez zuten ezer berezirik egin Alain eta bere lagunek, pizza erraldoi bat partekatu, garrasika solasean egin eta mozkortu, besterik ez. Lagunak ezta ez ziren atentzioa deitzeko ezer, Alainen lagunak baino haren anaia bikiak ziruditen dozena erdi gazte arrunt. Jurdani zaila gertatuko zitzaion bata bestearengandik ezberdintzen. Gaueko ordu-bietan botiloia –azkenik!- bertan behera utzi eta diskoteka batera jo zuen taldeak. Jurdanek jarraitu zien, alkoholaren eraginak Alainen zuhurtasuna laxatuko zuelako esperantzarekin. Baina ez, kopa bat hartu, dantza oso gutxi egin eta, ordu pare baten ondoren, diskotekatik irten eta etxera metroan itzuli zen Alain. Hara larunbata! Ez zen egun haietan ezer harrigarririk, inolako ezustekorik gertatu. Jurdanek Egurrolarengandik jaso zuen txostena Alainek gidoi bat bezala betetzen zuen, lerro batean ere hutsik egin gabe. Leku guztietara jarraitu zuen Jurdanek Alain, hura ohartu gabe, baina Alainen leku guzti haiek beti ziren berberak, haren etxea, amarena, egoitza, gimnasioa, lagunekin garagardoak hartzera. Alainen mugimendu mugatu, murritz haietan ez zen ezer susmagarririk sumatzen. Ezer interesgarririk ezta, Jurdanen aburuz. Alainek ezkutuko sekreturen bat gordetzen bazuen, jendez inguratuta edo behintzat jendez lagunduta zegoenean agerian ez zuela utziko argi geratu zitzaion Jurdani. Balizko sekretu horiek azaleratu nahi bazituen bere jokaeraren legezkotasuna apur bat urratu behar zuela erabaki zuen, eta Alain bere kasa, bakarrik zebilen tokietan mikrofonoak eta kamerak jarri behar zituela. Beste bisitatxo bat egin zuen “Arrasti” adinekoen egoitzara, lehenengoan geratu zitzaizkion zalantza batzuk argitzeko aitzakiarekin. Ustezko zalantza hauek argitze aldera gerenteak beste paseotxo bat eman zion egoitzatik eta orduan, eta hau ohartu gabe, erizainen egongelan zegoen loreontzi batean kamera eta mikrofono bana ezkutatzea lortu zuen. Alainen amaren etxean sartzea ere lortu zuen. Gasaren kontsumoa irakurtzera zihoan teknikotzat pasarazi zuen bere burua eta Alainen amak sinetsi zion. Jakina, etxeko aretoan zelatatze gailuak arazorik gabe instalatu zituen. Eta azkenik, Alainen beraren etxean ere jarri zituen, legea inoiz bezala urratuz, hots, atea bera zabalaraziz. Hori guztia gutxi balitz, kasu hartan hiriko ikertzaile pribaturik onena zela frogatu nahian, lehenago sekula egin ez zuen beste zerbait egin zuen: gimnasiora apuntatu zen. Alainen gimnasioan izena eman zuen, haren solasak hurbiletik entzuteko, eta spinning klase oso bat pairatu zuen bere bihotz-biriketan! Baina Alainen intimitatea goitik behera eta atzekoz aurrera arakatu bazuen ere, ez zen ezer arrarorik, ezer bitxirik agertu. Alainen etxearen barruan jarritako kamerekin lortutako irudi zirraragarrienak zera erakusten zuten, Alain bere katuari janaria ematen eta Alain katuaren simaurren erretilua garbitzen. Bazkalorduan amarenera joateko astirik ez zeukanean, auzoko parkean sandwich bat jaten zuen eta ogi bazterrak ahateei botatzen zizkien. Parke berean ere, arrastietan, Tai-Chi egiteko biltzen zen talde bateko partaidea zen. Egoitzan, lan orduetatik kanpo, pianoa jotzen zien atso-agureei. Tipo benetan arrunta zen Alain. Bizimodu arrunta zeraman, ohikoa, afizio arruntak zeuzkan, lagun arruntak. Aspergarria. Nagia eragiten zion Jurdani. Ez zuen ezta azkarregia ematen ere. Yerai bezalako xinple bat zirudien, bizitzatik middle clash lorpenak besterik itxaroten ez zituen beste millennial bat. Snob baten iruzkina zirudien hura. Snob bat bilakatzen ari ote zen Jurdan? Denbora gehiegi ematen zuen zelatatzeetan bere buruarekin bakarrik solasean. Tira, Jurdanek sumatzen zuenagatik, bere belaunaldiko jendeak gainbehera bat bezala biziko zituzkeen esperientzia batzuk, Yerai eta Alainen belaunaldiko gazteentzat amestutako bizimodu bat ziren. Alokairuzko pisutxo bat, asteburuko kalimotxoak, txakurtxo bat. Etxea garbitzea aisialdirako aukera bat bezala bizi zuten! Gutxirekin konformatzen ziren, gutxiegirekin. Amorrua ematen zion Jurdani konformismotzat hartzen zuen jarrera hura, baina bazekien amorru hura mozorrotutako bekaizkeria izan zitekeela, gazteekiko bekaizkeria, haien gaztetasunagatik, eta disimulatzen zuen. Halere, millenialen inguruan eraikitako klixe horretan sartu zuen Jurdanek Alain, bere aurreiritziek bultzatuta beharbada, baina egunean hogeita lau orduko zelatatzeetatik lortutako informazioak lagunduta ere. Arrunta, aspergarria, baina benetakoa izan behar zuen Alain, egiazkoa, egun guzti haietan Jurdanek ez baitzuen ezer ezkutukorik deskubritu. Egurrolaren diruarekin geratzeko ustezko plangintzaren baten arrastorik ere ez zen inondik sumatu. Jurdanek hain xehetasun handirekin miatutako bizitza hura ezin zitekeen gezur bat, iruzur bat izan. Hori horrela balitz, jende gehiegi legoke nahastuta, ama, lankideak, gimnasioko lagunak, kalimotxoetako adiskideak, eta denbora luzeegiz. Jurdanek entzun eta ikusitako guztia antzezpen huts bat balitz, uneren batean, baten batek, Alainek edo beste aktoreetako batek, akatsen bat izan beharko zuen eta amarru guztia agerian utzi. Baina ez zen horrelakorik gertatu jarraipenaren egun luze guztietan, ezta zantzurik ere. Jurdan behin-betiko konbentzitzeko, azken proba bat gainditu beharko zuen Alainek: aurrez-aurreko elkarrizketa. Jurdanek Alain pertsonalki ezagutu beharko zuen eta haren konfiantza irabazi, hark zintzotasunez, mozorrorik gabe, hitz egitea lortu arte. Baina nola? Soberan zekien Jurdanek ezezagunengana hurbiltzen eta haien konfiantza lortzen informazioa eskuratzeko. Ehunka bider egin zuen bere karreran zehar eta amarru posible guztiak bazekizkien. Ikertu beharreko ezezagunak txakurrik bazeukan, txakurra paseatzen ateratzen zuenean, beste txakur bat hartu eta haiekin topo egitea zen trikimailurik eraginkorrena. Txakurren jabeek konfiantza itsua zeukaten beste txakurren jabeengan, fraternitate bereko edo sekta ezkutu bateko kideak bezala tratatzen zuten elkar, ez zegoen sekreturik haien artean. Baina txakurrik ez zeukatenekin ere, Jurdanek ez zeukan inoiz arazorik solas bat hasteko eta konfiantzazko harreman bat izatera iristeko. Edozein lekutan, arropa denda batean, supermerkatuan -ordaintzeko ilarak aproposak ziren horretarako-, parketik korrikan, taberna batean, kontzertu bateko atsedenaldian erretzen… helmuga zen ikertutako ezezaguna bakarrik geratzen zen edozein lekutan, kasualitatezko, ezusteko topaketa bat antolatu, bere interesekoa izan zitekeen iruzkinen bat edo galderaren bat egin -“Praka hauek nire neurrikoak direla esango zenuke?” “Zein korridorean dago hor daramazun tofua? Beganoa al zara zu ere?” “Abeslariak lehenengo zati honetan ez du bere egunik onena izan, ez duzu uste?”-, eta gainerakoa segidan zetorren. Jurdanen esperientzian jendeak hitz egin nahi zuen eta, batez ere, entzuna izan nahi zuen. Jende –ustez- itxiz beteriko hiri hartan ere. Arreta jarriz gero, kontatzen zizutena interesatzen zitzaizula adieraziz gero, jendeak den dena kontatuko zizun, sekretu ezkutuenak ere. Halaxe gertatu zitzaion behin baino gehiagotan Jurdani iraganean, ikertutakoek beraiek aitortu baitzioten frogatu nahian zebilen desleialtasuna edo iruzurra. Damutuko ziren gero, noski, hain inozo izateaz eta ezezagun batekin fidatzeaz, mundua Jurdan bezalako traidore zikinez beteriko leku anker bat zela berretsiko zuten, eta Jurdanek berak ere zimiko moral antzeko bat sentituko zuen azpijoko eztabaidagarri haietaz baliatzeagatik. Baina tira, Jurdan azken finean bere lana egiten ari zen besterik gabe eta leialtasuna bezeroari besterik ez zion zor. Ikertutakoak beraiek ziren gezurretan eta traiziotan ari zirenak, euren bikotekideari, enpresariari, aseguru konpainiari. Ez zeuden inolako nagusitasun morala inori aurpegiratzeko egoeran. Baina oraingoan, Alainekin, trikimailu haiek ez ziren nahikoak izango, Alain bereziki erne egongo baitzen urreratzen zitzaion edozein ezezagunekin. Laster baztertu zuen Jurdanek otu zitzaion lehenbiziko ideia, Alaini bere adeitasunagatik eskerrak eman nahi zizkion egoitzako atso edo agure baten senidea bezala aurkeztea alegia. Endika eta Alainen arteko ezkontza iragarri zenetik, eta Alainek lan non egiten zuen zabaldu zenetik, kazetari ugari zebilen egoitzaren inguruan Alainen adierazpen batzuk lortu nahian. Hortaz, susmagarriegia litzateke Jurdanek ere beste batzuek jada erabilitako amarru bera erabiliko balu. Egoera hartan Alain ez zen bezero ezezagun baten esker onaz erraz fidatuko. Amaren bitartez Alainengana iristeko ideia ere aurrekoa bezala baztertu zuen. Zein aitzakiarekin egin zitekeen Alainen amaren lagun susmagarri gertatu gabe? Ez zegoen modurik. Dena dela, ez zion arazoari buelta gehiegi eman behar izan buruan. Argi ikusi zuen laster Alainenganaino eta haren benetakotasuneraino iristeko bide zuzen eta egokiena zein zen: Alainen marizorriaren bitartez. VII Ez zen alferrik gayen ezkontza arazoetan aditutako detektibea Jurdan. Beste edozein ikertzaile pribatuk ez zuen inondik inora jakingo gay baten intimitatearen giltza haren marizorria dela. Litekeena zen ere ikertzaile hetero batek marizorri hitza bera eta kontzeptua ezta ere ez ezagutzea. Marizorria, beti gayekin dabilen neska, une oro gayez inguratuta dagoena, sarritan gay baten eskola garaiko lagun mina izandakoa, batzuetan gay horrekin ezkutuan edo agerian ere maiteminduta egon dena, gay batekin harremanetan ibili dena ere noizbait, eta kasuren batean gay harekin sexu harremanak ere izatera iritsi dena - nork ez du ezagutzen horrelakoren bat?- Kasu gehienetan, dena dela eta zorionez, ez da horrelako bihotz hausturarik egon behar marizorriaren historian; marizorri gehienei gertatzen zaiena, sinpleki, bere gay lagunen mundua, guztia baina aisialdia bereziki, heteroena baino mila bider gehiago gogoko dutela da. Gayek daukaten dibertitzeko modua atsegin zaio alde batetik marizorriari, baina gainera gayen munduan lasai sentitzen da gizon heteroen enbarazuaz –jazarpenaz ez denean- eta neska heteroen lehiakortasunaz arduratu gabe. Hau horrela izanik, marizorriak ez ditu azken bi motibazio hauek sekula aitortuko, dibertitzea gustatzen zaiola aldarrikatuko du soilik, eta benetan dibertitzen direnak gizonezko gayak direla. Marizorria, gay baten neskalaguna, haren adiskiderik onena, haren sekretu eta bekatuen aitorle eta gordailu, haren aholkulari sentimental, sexual eta estetikoa –ez, azken hau kontrako norabidean izan ohia da, hots, gaya izan ohi da marizorriaren aholkulari estetikoa-. Gay bat benetan ezagutu nahi duenak haren marizorriarengana jo beharko du. Honek ezagutuko ditu haren sekretu guztiak, ahuldade aitorrezinena ere. Honek jakingo du gay bati benetan atsegin zaiona eta jasan ezin dezakeena, bai modan, bai musikan, bai sexuan edo bizitzan orokorrean. Marizorriarengandik jasotako zantzuak balio paregabekoak izango dira delako gayarengana iristeko. Marizorriarengandik jakingo duzu hari zer oparitu, zein pelikula ikustera edo zein kontzertura gonbidatu, baina baita zer iruzkin politiko edo filosofikoekin ados egon daitekeen ere. Jurdanek berak ere bazeukan bere marizorria, nola ez. Andere zuen izena eta haur eskola garaitik ezagutzen zuten elkar. Azken aldian gehiegi ez zuela ikusten ohartu zen Jurdan, Anderez oroitutakoan. Bahitua omen zeukaten senarrak eta seme-alabek alde batetik –seme eta alaba bana zeuzkan, bigarren heziketa edo batxilergoa edo orduko gazteek ikasten zuten dena delakoa ikasten ari zirenak- eta lanak bestetik –banku bulego batean lan egiten zuen, baina gehiegi ez zuela iraungo uste zuen Jurdanek, edozein unetan bezeroren bat edo nagusia akabatuko zuelako-, eta guztien artean ez zioten Jurdanengana ihes egiteko aukera gehiegirik uzten. Telefonoz hitz egiten zuten, hori bai. Andere eta ama ziren Jurdani oraindik telefonoz deitzen zioten pertsona bakarrak, mundu guztiak mezuak bidaltzen zituen garaian. Noizbehinka, bai, bahitzaileengandik askatzea lortzen zuen Anderek unetxo batez eta, Jurdanekin batera, garagardoz mela-mela eginda jartzen ziren eta munduak, bizitzak eta jendeak ustekabean hartutako bide ulertezin, absurdoez mintzatzen ziren. Hurrengo ihesalditxoa prestatu beharko zutela pentsatu zuen Jurdanek. Baina oraingoan Alainen marizorria aurkitzea zen premiazko eginbeharra. Ez zen lan zaila izan: Egurrolarengandik jasotako briefingean zetozen datuetako bat zen, Alainen helbidea, lantokia, adina, ile kolorea, amaren izena eta antzekoekin batera. Egurrola bera eta bere taldea ere gay profesionalak –gay eta profesionalak- ziren eta, horrenbestez, marizorriaren datuaren garrantzia ezagutzen zuten. Aiora zuen izena eta dekorazio denda bateko enkargatu bezala lan egiten omen zuen, txostenak zioenagatik. Jakina, Jurdan ezin zen briefing hartako datuez hitzez-hitz fidatu, zeren, Alain iruzurgile bat bazen, orduan Aiora hura ere konplizea izan zitekeen. Bere urtetako eskarmentuak gidatuta, Aiora hura Alainen benetako marizorria ote zen baieztatuko zuen Jurdanek. Berari ezingo zioten ziria sartu. Dendatik igaro eta begiradatxo bat botatzea erabaki zuen, Aiora bere ingurumenean behatzeko eta harenganaino iristeko estrategia egokiena zein zen asmatzeko. Dendatzar bat zen Aiorak zuzentzen zuen hura. Hiri erdigunean, hiri guztiko kale komertzialenetako batean zegoen eta hiru solairu hartzen zituen. Mila bider igaro zen Jurdan dendaren aurretik baina sekula ez zen barrura sartu, ez baitzuen bere burua hura bezalako komertzio baten bezerotzat hartzen. Aioraren dendaren bezeroak, Jurdanen irudimenean, euren etxeak dekoratzeko ideiak Instagram eta Pinterestetik atera eta sare sozial hauetan euren etxeen argazkiak argitaratzen zituztenetakoak ziren. Hauen artean gay ugari egon arren, berarekin inolako zerikusirik ez zeukan tribu exotiko bat bezala ikusten zituen Jurdanek. Bada, argazkitxoen tribuaren habitat naturalean murgildu zen estreinako aldiz. Dekorazioarekin harremana zeukan denetarik saltzen zuten denda hartan, altzariak, etxea janzteko oihalak eta ehunak, sukalderako tresneria, lanparak, etxerako apaingarriak. Denetarik eta estilo zein gustu oso ezberdinetakoak gainera, sinaduradun diseinuetatik hasita –Bauhaus estiloko eserleku bat baino gehiago identifikatu zuen Jurdanek, bere begirada profanoarekin- eta Txinan fabrikatutako –baina begi aditu batek hautatutako- bitxikeria kitschekin amaitu arte. Kapitalismoaren oparotasunari omenaldi bat zirudien biltegi hartatik bueltatxo bat ematen ari zen Jurdan Aiora begiztatu zuenean. Erraz ezagutu zuen, txostenean haren argazki bat zegoen eta. Bezero bikote –heterosexual- batekin solasean ari zen eta Jurdan, disimuluz, distantzia zuhur batera urreratu zitzaien, elkarrizketa aditu ahal izateko. Haurtxo jaio berri baten gela “janzteko” aholkua behar omen zuen bikoteak. Zer ote zen gela bat “janztea”? Jurdanek elkarrizketaren erdia ulertzen ez bazuen ere, Aioraren gomendioek bikotea asebete zutela argi nabaritzen zen haien poztasun eta esker oneko adierazpenetan. Bikotearekin bukatu eta adin ertaineko andre batek laguntza eskatu zion. Izarak erosi nahi zituen eta galduta aurkitzen zen zorutik sabairainoko izaraz beteriko apalez inguratuta. Gidari bat behar zuen. Galderatxo pare bat egin eta Aiorak aukeratu zizkion izara egokienak –garestienak izan zitezkeela susmatu zuen Jurdanek, baina ez zen berehala berrestera ausartu-. Andrea poz-pozik utzita, hurrengo bezeroez arduratu zen Aiora, jendez gainezka baitzegoen denda. Saltzaile gisa lan egiten zuen baina aldi berean harreman publikoetarako bereziki dohatua zegoela argi nabaritzen zitzaion Aiorari. Bezero guztien adiskide egiten zen. Aspaldiko lagunak balira bezala tratatzen zituen bezeroak, nahiz eta bizitza osoan lehenago ikusi ez bazituen ere. Eta berez ateratzen zitzaion jokaera hura, ez zen saltzaile baten amarrua. Berez zen irekia, adiskidetsua, ez lanean zebilelako soilik. Jurdanek bazekien ñabardura hura jendearengan antzematen. Aioraren kasuan erraza izango zen harenganaino gerturatzea. Ezkontza baterako opari baten bila ari zela esango zion elkarrizketa hasteko aitzakia bezala. Horrela ezkontzaren gaia mahai gainean egongo zen hasieratik eta elkarrizketaren norabidea Alainen ezkontzarantz gidatzea errazagoa gertatuko zitzaion. Aioraren hitz jario joriak ere lagunduko zuen. -Ezkontza baterako oparia? Leku egokienera etorri zara, hori da ba gure espezialitatea! –Aiorak hasieratik alai erantzun zion, nahiz eta egun osoan zehar bezero tropel baten eskakizunez arduratzeaz kopetaraino eginda egon behar zuela suposatzekoa bazen ere-. Zer motako ezkontza, gizon eta emakume baten arteko tradizionala, bi gizonen artekoa, bi emakumeena? -Bi gizonen artekoa da. Arazoren bat suposatzen du horrek hemen? Beste denda batera joan beharko nuke? –Gezurrezko haserre bat antzeztu zuen Jurdanek, Aiorak bere konfiantza berreskuratzeko ahalegin berezi bat egin behar zezan-. -Arazoren bat? Bai zera! Hiri honetako emakumerik gayenarekin hizketan ari zara. Hiri honetako gayen gustuei buruz gehien dakiena naizela esatera ere ausartuko nintzateke. Denda egokian zaude. Ziur. -Apur bat diba ere bazarela esango nuke –Jurdanek kopeta lasaitu zuen eta Aioraren hurbiltzeari erantzun zion-. -Hainbeste nabaritzen zait? Hori zen, ba, intentzioa. Irribarre egin zuen Aiorak eta jarraitzeko keinua egin zion Jurdani atzamarrarekin. -Nik ere ezkontza bat daukat laster, bi gizonen artekoa hau ere –esan zion Aiorak Jurdani, gizon biluzien erretratu artistiko batzuk erakusten zizkion bitartean-. Kasualitate handia litzateke bat bera balira zure ezkontza eta nirea! Horrela balitz, opari itsusi bat gomendatu beharko nizuke, nire opariak besteengandik nabarmentzeko posibilitate gehiago izateko. Endika Egurrolaren ezkontzara nago gonbidatuta ni. Badakizu, enpresari gay famatua. Baina ez noa bere aldetik, senargaiaren aldetik baizik, ez pentsa. Nik ez daukat horren harreman esturik jet-setarekin. Ez betikoarekin ezta egungo jet-set gay berri honekin ere. Baina tira, bertan ezagutuko ditut, erremediorik gabe. Barkatu, gehiegi hitz egiten ari naiz agian. Ez al zara zu jet-set gay horretako kide izango ala? Asko hitz egiten zuen Aiorak, gehiegi, bera ere jabetzen zen horretaz. -Ez, lasai, nirea ez da ezkontza hori, baina asko entzun dut horren inguruan. Gizarte gertakizun itzela izango omen da. Pertsonaia sonatu ugari bilduko da bertan antza. Ziur primeran pasako duzuela. -Ez dakit ba. Argazkilariz leporaino egongo da. Hori estresa! -Hobeto! –Jurdanek metxa eman nahi zion Aiorari susmagarri agertu gabe, konfiantza hartu eta oharkabean sekreturen bat agerian jar zezan-. Gonbidatu guztiak mozkortuta eta drogetan blai daudenean, argazkiak atera iezazkiezu, eta gero erakusten dizkidazu haien lepotik barre egiteko. -Pentsatua neukan! Esperientzia aparta izango da aldizkarietan beti hain txukun eta dotore agertzen diren marifin guzti horiek paperak eta duintasuna ere erabat galduta ikustea, eta argazkiren bat edo beste nahiko nuke oroigarri bezala. Baina ez dakit segurtasuna nola ibiliko den. Ez dut uste erraza izango denik. Gainera, ia ziurtzat jo dezakezu egoera penagarrienean amaituko duen gonbidatua ni izango naizela. Zorionekoa ni, argazki umiliagarrienak niri egiten ez badizkidate. Erretratu homoerotikoek Jurdan konbentzitzen ez zutela ikusita, italiar marka ezagun bateko sukalderako tresneria erakustera eraman zuen Aiorak. Jurdanek Aioraren hitz jarioaren hariari tiraka jarraitu zuen, gero eta lotsa gutxiagorekin. -Ba, senargaiarekiko errespetu osoz, zure laguna dela esan duzu-eta, ezkontza honekin pagotxa ederra lortu duela diote irakurri ditudan kronikak. -Bai, badakit, horrelakoak eta bi ari dira esaten. Badakizu nolakoa den jendea eta bereziki gay jendea. Mundu guztia da nonzeberria gaur egun, baina gayak inor baino gehiago. Ez duzu uste? Ez da aurreiritzi homofobo bat, enpirikoki frogatutako egia baizik. Ni ez naiz homofoboa, gayez inguratuta bizi naiz eta ni ere emakumezko baten gorputzean harrapatutako marikoi bat naiz, eta gayok nonzeberri hutsak garela inork ezin dit ukatu. Ez zara ofenditu ezta? Alainen ezkontzarekin, Alain deitzen baita niri laguna, jende asko bekaizkeriak erreta dago. Jendeak uste du mundu guztiak izan behar duela beraiek bezalako materialista hutsala. Baina Alain ez da horrelakoa. Sinets iezadazu, ongi ezagutzen baitut Alain: maiteminduta dagoelako ezkontzen da Alain, ez dabil Egurrolaren diruaren atzetik marisorgin bekaizti horiek dioten bezala. Inoiz ez da diruaren atzetik ibili Alain. Beste balore batzuk ditu eta beste helburuak bizitzan, ez diru hotza pilatzea. Langile apal bat da eta pertsona ezin hobea. Ezkontza honekin benetan mauka ederra eskuratzen duena Endika Egurrola da. Alain ezagutu beharko zenuke eta arrazoia emango zenidake. Bingo. Bazeukan oin bat atean jarrita. Aiorak berak proposatu zion Alain ezagutzea. Hitza hartuko zion, telefono zenbakiak elkarri eman eta hirurak elkarrekin irteteko hitzordua jartzea besterik ez zitzaion geratzen. Saltzaile baten bihotza irabazteko behin-betiko keinua erosketa handi bat egitea dela jakinda, art-deco estiloko koktel-ontzi, izotz-ontzi, pintzak eta edalontzi batzuk erosi zituen Jurdanek. Litekeena zen hura izatea Aiorak egun hartan edo aste hartan ere egindako salmentarik garrantzitsuena. Jurdanek ez zeukan, noski, dirutza hura alferrik xahutzeko asmorik, eta Aiorak lan egiten ez zuen egun batean itzuliko zituen traste guzti haiek, baina bitartean Aioraren bezero kuttuna izatea lortua zuen. Elkar ezagutu zutela ospatzeko garagardo bat hartzera gonbidatu zuen Jurdanek Aiora, denda ixteko ordua zela aprobetxatuz. Aiorak, salmenta behin itxita eta guzti, baietz esan zuen, ez zuen aitzakiarik jarri. Beste garai bateko marizorria ematen zuen Aiorak, ez marizorri millennial bat. Millennialak aurrez aurreko tratuan, pantaila baten bitartekaritzarik gabe, deseroso sentitzen zirela uste zuen Jurdanek, baina ez zen hori Aioraren kasua. Dena dela, zer zekien berak millennial marizorriei buruz, hura bazen bizitzan ezagutzen zuen lehenbizikoa? Pinta baten aurrean gay ezkontzez mintzatzen jarraitu zuten Aiorak eta Jurdanek, Aiorak Alain bere lagun mina eta Endika Egurrolaren arteko ezkontzaz eta Jurdanek bere irudimenean soilik existitzen zen asmatutako ezkontza batez. Opari egokia aukeratzeko zailtasunak aipatu zituen Aiorak, zeren, zer oparitu ahal zitzaion denetarik omen zeukan Endika Egurrola bezalako aberaskume bati? -Edozein ezkontza arrunt batean, gonbiteko menuaren prezioa gutxi gora behera aintzat hartuta, antzeko diru kopuru bat oparituz bete duzu konpromisoa. Baina Endika Egurrolari ezin diozu dirua oparitu. Maleta gizon baten edo zapata garbitzaile baten saritzat hartuko luke. Eta ez dut pentsa nahi ere haren lagunek zer oparituko dieten! Haien opariek itzalpean utziko dute nirea. Ez dakit zer egin -Ni ez nintzateke gehiegi kezkatuko –lasaitu zuen Jurdanek-. Diru asko duen jendea ez ohi da eskuzabalegia izaten. Zuk ere zure lanean ikusiko zenuen hori. Opari arranditsuak egitea gustu txarrekoa dela diote, eta aitzakia hori erabiltzen dute diru-zorroa gehiegi ez zabaltzeko. -Ez dakit, ba. Egurrola eta bere kuadrilla definitzeko hitz bat eskatuko balidate arrandia erantzungo nuke, hain zuzen ere. Zenbat gustatzen zaien nabarmentzea! Esango nuke taldetxo honek, gustu txarrekoa dela onartu arren, nahiago dutela argi gera dadila euren botere ekonomikoa zein den, dotore eta diskretu bezala geratzea baino. -Halere, zuk ez duzu horretan arazorik izango, alderantziz, zugana etorri beharko lukete beste gonbidatuek aholku eske. Ez zara ba zu gay ezkontzetarako oparietan adituen artean adituena? Hori saldu didazu dendan geundela bederen. Ziririk ez zenidan sartuko, ezta? -Lasai, ezkontzen diren zure lagunei, gustu ona badaukate eta diseinuaren historiari buruz zerbait badakite (gayen artean ohikoa denez), zure oparia beste guztien gainetik nabarmenduko zaie. Aioraren bermea daukazu. Edalontziekin topa egin eta edan zuten. -Janzkerak kezkatzen nau ni –jarraitu zuen Jurdanek-. Badakizu nola den gay ezkontzen asunto hau. Alde batetik ezkontza bat da, ospakizun bat, zure lagunen bizitzan garrantzitsua den momentu bat eta zurekin partekatu nahi dutena, eta beraz, ezin duzu edonola jantzita joan, dotore joan behar duzu, txukun, gertakizunari merezi duen garrantzia ematen diozula antzeman dadin. Baina bestetik ezkontza gay bat da, arau tradizionalak urratzen dituen ekintza bat, eta ondorioz ez litzateke oso egokia izango modu tradizionalean jantzita joatea, ezkontza heteroen etiketa jarraitzea. Buruhauste bat azkenean. Ezkontza hetero baterako traje ilun bat eta gorbata bat jantziko nituzke, nire anaiari maileguan hartutakoak, eta hor konpon. Baina honetan… Gayz jantzita joan behar eta ez pepero baten moduan, baina aldi berean zeremonia baterako jantzita eta ez gaupasa baterako. Oreka larria. Gay ezkontzen etiketa arauak idatzi beharko lituzke norbaitek. -Dagoeneko idatzita daudela esango nuke. Primeran laburbildu dituzu zuk oraintxe bertan. Ideien faltan bazabiltza, Pinteresten milaka aurki ditzakezu. -Zorioneko Pinterest hori zer ote den ere ez dakit. Asmatuko dut zerbait. Zurrutadaka jarraitu zuten. Senargaien arropez ere mintzatu ziren –Alainek txakea jantzi behar zuen antza, baina Jurdanek asmatutako lagunek traje iluna besterik ez ordea-, eta ezteiak non ospatuko ziren komentatu zuten –hiriguneko hotel batean Jurdanen mamu lagunena; Alain eta Endikarena ordea leku sekretu batean, sorpresa bat zen, gonbidatuek zeukaten zantzu bakarra hiru egunetarako maleta prestatuta izan behar zutela zen-. Benetan existitzen ez zen ezkontza batez hainbesterainoko xehetasunak emateko gai bazen Jurdan, nola ziurta zezakeen Aioraren istorio guztiak ere, era berean, asmatuak ez zirela? Adi egon beharko zuen. -Zure lagunari despedida egin diozue jada? –galdetu zion Aiorak, gaiarekin jarraituz. -Momentuz ez baina laster daukagu. Etorri nahi duzu ala? Primeran pasako dugu. -Alainena antolatzea nahikoa ez balitz! Mila esker. Ideiaren bat hartzeko galdetzen nizun. Alainen lagunik zaharrena naizenez, niri tokatu zait despedida antolatzea, eta ez dakit nondik hasi. Gomendiorik? -Hasteko, ba al dakizu Egurrolaren despedida nolakoa izango den? Gauza bera ez egiteko. -Ideiarik ez, ezta jakin minik ere! Despedida bat baino gehiago egingo diotela suposatzen dut. Ziur haren lagun talde ezberdinek euren artean lehiatuko direla, ia zeinek daukan ideia orijinalena eta zeinek antolatzen duen despedidarik txundigarriena. Hori nagia! -Ba gaizki dago nik esatea, baina pertsona egokiarekin topo egin duzula esan behar dizut. Ospakizunak antolatzea da nire lana. Zu eta biok, elkarrekin, despedida jairik gogoangarriena eskainiko diogu Alaini. Ez al zen urrunegi joan tamaina horretako hordago bat botatzean? Ahoa berotu zitzaion, bai, bera bakarrik tranpa batean sartu zen, baina Alain ezagutzeko aukera izango zuen despedida egunean, eta hori zen erdietsi beharreko helburua. Gainera, Alainekin bakarka eta aurrez aurre gelditzeko trikimailu bat bururatu zitzaion. Baina, ezer baino lehen, ataka hartatik ahalik hoberen irteteko moduan pentsatu beharko zuen. Despedida bat antolatu behar zuen. Ai ama. VIII Ausarta izan zen Jurdan, neurri arduragabe batean, Alainen despedida ospakizuna antolatzeko prest zegoela adierazi zuenean. Ospakizunak antolatzea bere lanbidea zela? Nondik atera zitzaion txorakeria hura? Asko zekien ospakizunez, bai, askotan egona zelako, baina haietako bat ere ez zuen berak antolatu. Gonbidatua izan zen beti Jurdan, besteek antolatutako jaietan. Eta orain profesional aditu batek antolatuko lukeen despedidarik bikainenaren ardura hartu zuen bere gain. Zer egin behar zuen orduan? Nondik hasi? Yerairen laguntza beharko zuen kinka larri hartatik onik ateratzeko. Yeraik jakingo zuen Alainen belaunaldiko jendea nola dibertitzen zen eta zehazki despedida batean erabiltzen zituzten kodeak. Zer zen onargarri despedida millennial batean eta zer gaitzesgarri? Stripperrak, tekila, limusinak, nanoak…? -Ez naiz sekula despedida batean egon –izan zen Yerairen berehalako erantzun beldurgarria-. Nire lagunetako bat ere ez da ezkondu. Ez daukagu horretarako adinik ezta dirurik ere. -Ez zara lanari iskin egiten ariko, ezta? Azkarregi irten zaizu erantzuna sinesgarria izateko. Asteburu guztietan hiriko kaleak despedidez gainezka daude, badakizu, auzo lotsa barreiatzen duten gazte talde horiek. Zu ere horietako batean egongo zinen noizbait, ziur. Eta bestela galdetu zure inguruan, zure adiskideei, nola imajinatzen duten euren despedida. Ideiak bilatu, ideia orijinalak. Zure lan berria duzu hori. -Horretan ari naiz. Egia zen. Jurdanek hitz egiten zuen bitartean, Yeraik ez zituen mugikorreko pantailatik begiak eta atzamarrak jaso, eta ordurako bere sare sozial guztietan despedida gay baterako ideiak eskatuak zeuzkan. Eta iritsi ziren, berehala iritsi ere, Yerairen eskaerari erantzuten zioten ideia eta proposamenak. Ulergaitzak haietako asko Jurdanentzat. Zeren, erantzun haietako batzuk irakurrita edo entzunda –audio eta bideo bidezko erantzunak ere bidali baitzizkieten- harrituta gelditu zen Jurdan jende haren zentsurarako erraztasunarekin. Despedida batean zer egin zitekeen galdetu eta “zer ez egin” erantzun zien jende askok, gehienak, eta tonu mingotsean gainera. Zer nolako jendeak galtzen du bere bizitzaren zati bat ezezagun bati errieta egiten, ezezagun horrek oraindik egin ez duen zerbaitengatik? Belaunaldi berrien beste ohitura bitxi bat izan behar zuela ondorioztatu zuen Jurdanek. Putetxe batera ez joateko edo txaperorik ez kontratatzeko ohartarazten zien haietako batek, inolako baldintzapean ere. Horrelako jokaerek pertsonen salerosketa eta trafikoa bultzatzen zutela ziurtatzen zuen “Powerpuff Girl” ezizenarekin sinatzen zuen igorleak. Despedida batean, behin soilik halako zerbait egiteagatik ezer ez dela gertatzen pentsatu arren, azkenean gizartearentzat portaera toxiko bat dena normalizatzen laguntzen ariko zirela gaineratzen zuen Powerpuffek. Barregura eta lotsa apur bat eragin zizkion Jurdani Powerpuff haren adierazteko moduak, filosofia irakaslearen oniritzia lortu nahi zuen batxilergo ikasle bat zirudien. Baina, Jurdanen harridurarako, ez zen kasu bakan bat eta Puffenak bezalako esamolde hanpatu ugari aurkitu zituzten erantzunetan, gomendioak eman ordez sermoi moralistak botatzen zizkiotenak. Haiek irakurrita, gizonezko prostituzioaren mundua agian lar ondo ezagutzen ez zuela pentsatu zuen Jurdanek, nahiz eta bere lanagatik hiriko zoko likitsenak bisitatzera ohitua egon. Senar desleialak jarraitzea zen bere lana, eta lan honek, halabeharrez, gizonezko prostituzioa barra-barra zebilen tokietara eraman zuen ehunka aldiz. Bada, pertsonen trafikoaren txorakeria hura berak bizitakoarengandik oso urrun zegoen. Emakumezkoen prostituzioan oso bestelakoa izan behar zuen errealitatea, ziur, baina Jurdanek ezagutu zituen gizonezko txapero guztiak euren borondatez ziren txapero, beraiek erabakitako momentuan hasi ziren lanean eta beraiek erabakita uzten zuten ogibidea ere. Baina agian horretan ere aldatuz zihoan errealitatea eta, bestelako asunto anitzetan bezala, horretan ere atzeratuta omen zegoen Jurdan. Stripperak ezta ez kontratatzeko agintzen zien beste batek –edo berbera ote zen?-, gorputzen “objektifikazioari” eta “normatibizazioari” ekarpenik ez egiteko. Bai, esamolde horiek erabili zituen. Zerbait ulertze aldera Yerairi galdetu behar izan zion Jurdanek, baina honen azalpenek ez zioten mezua erabat deskodifikatzen lagundu. Antza, Yeraik zioenagatik, stripperari begiratzean eta haren slipean billeteak sartzean, gorputz bat soilik ikusten du begiraleak, eta ez du aintzat hartzen gihar pilo horren atzean dagoen pertsona, bere sentimendu, kezka eta ametsekin. Edo antzeko zerbait. Hori “objektifikazioari” zegokion aldetik, baina zer ote zen “normatibizazioaren” asunto hura? Bada, Jurdanek ulertu zuenagatik, stripper guztien gorpuzkerak kanon jakin bati erantzuten omen zion, gazte gihartsuaren kanonari alegia, gizartean arau irmo bat bezala ezarrita zegoena eta kanon horretan sartzen ez ziren gorputzen bazterkeria zekarrena. Horregatik, bazterkeria horrekin amaitzeko, itxura ezberdineko beste pertsonen edertasuna preziatzen ikasi beharra zegoen, eta stripperak miresten ibiltzeak ez zuen horretara laguntzen. Beste gomendio moralista eta zentsore bat azken finean, hitz arranditsu eta apur bat irrigarrien atzean ezkutatuta. Nondik idazten zituzten mezu haiek, Vatikanotik? Mekatik? Iruñetik? Aurrekoak bezala, honek ere portaera jakin batzuk debekatzen zizkien, inork aitortu ez zion nagusitasun moral batekin jantzita, baina aldi berean ez zien zer egin behar zuten iradokitzen. Hala ere, gomendio hari buelta emanez eta alde positibotik begiratuta, ideiaren bat bururatu zitzaion Jurdani despedidak “millennial seal of approval” izateko. Stripperak bere dantza egiten zuen bitartean, arropak eranzten eta azala olioztatzen zuen bitartean, bere bizitzari buruzko galderak egingo zizkioten gonbidatuek, nongoa ote zen, zer ikasketak egin zituen edo egiten ari zen, zeintzuk ziren bere afizioak, zeintzuk bere ametsak. Horrela, strippera pertsona bat bezala baloratua sentituko zen eta ez soilik gihar pilo beltzaran depilatu eta olioztatu bat bezala. Azken topiko hau ere saihestuko zuten, stripper ez normatibizatu bat kontratatuko zutelako, stripper txaparro, burusoil, tripontzi bat, bizkarrean ileak izango zituena. Eta denok pozik. Savonarolak berak bere eskutik idatzitakoak ziruditen beste antzeko mezu ugari jaso zituzten Yerairen gizarte sareetan. Txundituta zegoen Jurdan. Nola demontre dibertitzen zen jende hura? Besteen alaitasuna inausten? Grinch pertsonaiaren itxurarekin irudikatzen zituen Jurdanek, Eguberria ostu ordez despedida jaien poztasuna lapurtzen saiatzen ari zirela. Baina nondik jo ere ez zekien Jurdanek eta mezu bakoitzak baliozko gomendioren bat gorde zezakeen, hortaz, ezin zuen bat ere a priori baztertu. Despedida misto bat egitea gomendatzen zien “Ashler Baroia” ezizena zeukan norbaitek, ez neskena edo mutilena soilik. Ezizenagatik bere adinekoa izan behar zuela Baroi hura suposatu zuen Jurdanek, eta gomendioa ere beste garai batekoa zirudien. Ez zitzaion ezta burutik igaro ere Jurdani XXI. mendean horrelako murrizpen bat jar zitekeenik despedida batean, baina antza zenez oraindik bazegoen horrelako jenderik ere. Garaiz kanpokoa baina burutsua zen Ashler Baroiaren gomendioa, bai, Jurdanen belaunaldiko norbaitek emandakoa bezala, baina ez zen horretan gelditzen. Gonbidatuen zerrenda prestatzerakoan bereizkeria onartezinetan ez erortzea eskatzen zien Baroiak –eskatu ez, agindu-, edozein arraza, genero, sexu orientazio, sexu identitate, erlijio edo joera politikoetako jendea onartzea. -Falta zitzaiguna! –bota zuen Jurdanek mezua irakurritakoan.- Gonbidatu zerrenda arrazista, misogino, heterofobo bat egitea! Norekin uste du tipo honek hitz egiten ari dela? Mezua luzea zen eta Jurdanek irakurtzen jarraitu zuen. Cateringean urdaiazpikorik ez jartzea gomendatzen zien Baroiak –bere aurreko gomendioen tonu autoritarioan- gonbidatu musulmanen sentimenduak ez iraintzeko, ezta okelik ere, baldin animalista edo begetarianorik balego, edo glutendun produkturik ezta ere, zeliakoekiko adeitasunagatik. Gonbidatu beganoren bat egotearen posibilitatea ere aipatzen zuen, baina Jurdanek ez zuen aurrera jarraitu nahi izan. Aurreko guztia gutxi izan balitz, eta mezu guzti haiek sekta beldurgarri baten egoitzatik zetozela berresteko, beste mezu batean, nobioa hastera zihoan bizitza berrirako prestatzeko aktibitateak egitea proposatzen zien burua erabat galduta izan behar zuen norbaitek. Ezkongabe bizitza atzean utzi eta ezkondu bezalako bizitzan “arima berritu” batekin murgiltzeko prestatzea gomendatzen zuen marizoro hark eta, horretarako, despedida egunean Reiki sesio bat edo auraren garbiketa bat egitea, tibetar ontzien musikaz lagunduta beti ere. -Adiskide oso bitxiak dauzkazu, Yerai. Elkarrekin geratzen zaretenean zer egiten duzue? Ez al zarete mozkortzen eta drogatzen? -Ez dira nire adiskideak, sare sozialetako jendea da. Ez gara elkarrekin geratzen. Haietako gehienak ez ditut sekula pertsonan ikusi ere egin. Haietako batzuen itxura nolakoa den badakit, argitaratzen dituzten argazkien bidez, Instagramekoena batez ere, baina beste asko euren ezizen eta avatarrengatik ezagutzen ditut soilik. -Ba prestu eta laster erantzun diote zure eskaerari, sekula ikusi ez duzun jendea izateko. -Ez ditut fisikoki ezagutzen baina harreman oso estua daukagu. Haietako askorekin nire familia edo lagunekin baino gehiago hitz egiten dut. Eta maila pertsonalago batean. Nahikoa zeukan. Ez zuen elkarrizketa harekin jarraitu nahi. Hobe zeukan Yerairen ahotik irteten ziren gauza asko sekula ez zituela ulertuko behin-betiko onartzea eta bere lanarekin aurrera jarraitzea. Azken finean, Yerairen eskaerari erantzunez iritsi zen proposamen andanaren barruan, burmuin gaixo edo zaurituen burutazioak ziruditenen artean nahastuta, iradokizun benetan interesgarriak aurki zitezkeen. Haien arteko orijinalenak aletzen saiatuko zen Jurdan, despedida millennial gogoangarri bat antolatzeko. Eta Alain ahuldade eta zintzotasun une batean aurrez aurre harrapatzeko. Burugabekeria guzti haien artean txertatuta, bilatzen ari zen ideia aurkitu zuen Jurdanek, despedida orijinal bat antolatzeko atakatik duin irteten eta, aldi berean, bere benetako xedea lortzen lagunduko ziona, alegia, Alainen iraganean sudurra sartzen: Altxor bilaketa bat antolatuko zuen. Alainen despedidarako bildutako jendea, hiru pertsonako taldetan, hiri osoan zehar ibiliko zen zantzuen bila, azkenean altxorra non ezkutatzen zen asmatu arte. Altxor bilaketa osoa Alainen bizitzan zehar bidaiatxo bat izango zen. Zantzu bakoitza Alainen bizitzaren une esanguratsu batekin lotutako lekuren batean bilatu beharko zuten gonbidatuek, eta zantzu bakoitza aurkitutakoan despedida batean ohiko diren saritxoetako bat jasoko zuten –pote bat, txupito bat, trago bat-, aurrera jarraitzeko erregai nahikoa izate aldera. Ezkutaleku horiek zehazteko Aioraren laguntza eskatu behar izan zuen Jurdanek, noski, horrela Alainen iraganeko sekreturen bat edo beste nahigabe aitortuko ziolakoan. Baina horrela ezta ere. Alainen iraganeko leku eta une seinalatuenak aipatzean, Aiorak deskribatzen zuen Alain hura Jurdanek uste zuena baino askoz comme il fautagoa zen. Ikastetxea aipatzen hasi zen Aiora, bertan ezagutu baitzuten elkar eta biek garai hartatik oroimen oso onak gordetzen baitzituzten. Ezustean harrapatu zuten Jurdan horrelako adierazpenek, berak ezagutzen zuen jende gehienak, gay jendeak batez ere eta Jurdanek berak ere, ez baitzuten atseginez oroitzen eskola garaia. Jurdanen esperientzian, gay batek ikastetxe urteak gogoratzen zituenean, etxalde, korta, espetxe edota infernu hitzak erabiltzen zituen normalean, “ihesa” edo “askapenarekin” bukatzen zirenak zorionez. Baina horretan ere Alain berezia zen, antza. -Ilusio handia egingo dio Alaini ikastetxera itzultzeak –gaineratu zuen Aiorak. Despedidako gonbidatuek, hortaz, ikastetxeko hesia gainditu eta jolastokiko txirristaren azpian ezkutatutako saria eta hurrengo zantzua aurkitu beharko zituzten. Txirristaren azpian ezkutatzea erabaki zuten, bertan, ezkutuka, Aiorak eta Alainek euren bizitzako lehen porroa erre zutelako. Alainek drogekin jolastu zuen! Esperantza izpi bat izan zitekeen hori. Hari horri tiraka agian Alain ezkutu, ezezagun bat azaleratu zitekeen. Benetakoa. Baina ez. Erizaintza eskola, kontserbatorioa –Alainek pianoa jotzen zuen-, bere lantokia… izan ziren Aioraren hurrengo proposamenak. Zirraragarriak guztiak. Horren pertsona formal eta behar bezalako bat ez zen sinesgarria. Aiorak deskribatzen zuen pertsonaia hura asmatutakoa izan behar zuen. Gainera, Aiorak proposatzen zizkion leku guzti haietan Jurdanek ez zuen aurretik, bere zelatatzeagatik, ezagutzen ez zuen ezer aurkituko. Ezkutalekuak proposatzean, Alainen hazpegi ezezagun bakar bat jakinarazi zion Aiorak Jurdani: Biloben Elkartea. Antza, egoitzan atso-agureekin lan egiteaz nahiko nekatu ez eta “biloba ponteko” bezala aritzen zen ere Alain, boluntario. Alegia, adinekoen egoitzetara joan ohi zen haiek bisitatzera, haiekin solasean egitera, haientzat pianoa jotzera. Eta gainera “biloba ponteko” boluntarioen elkarte bat sortu zuen bera bezalako beste bihotz oneko heroi eskuzabalekin. Gehiegizkoa zen hura. Alain uniformerik gabe egoitzan pianoa jotzen ikusia zuen Jurdanek, baina aparteko orduak egiten ari zela suposatu zuen. Ezinezkoa zen horren pertsona on eta perfekturik existitzea. Alainen istorio guzti hark, Jurdanek ikertutakoak eta Aiorak kontatzen zuenak, asmakizun eta antzezpen hutsa izan behar zuen. Ziur. Zerbait gehiago, zerbait ezberdin egon behar zuen. Hor nonbait. Jurdanek asmatuko zuen. Kilometrotara usnatzen zituen berak ziriak! -Aiora, laztana, altxor bilaketa honek jai bat izan behar du, despedida jai gogoangarri bat, eta lanpostu baterako elkarrizketan gaudela ematen du, Alainen curriculuma errepasatzen. Zerbait bitxi, barregarri behar dugu. Askoz hobe Alain asko lotsatzen duen iraganeko pasadizo aitorrezinen bat bada. Inork ez ditu zuk baino hobeto ezagutzen horiek. Pentsa. Mihitik eta oroimenetik tiraka egin nahi zion Jurdanek Aiorari. Botiloia egiten zuen parkea gogoratu zuen Aiorak orduan eta, polizia zetorrenean, botilak ezkutatzen zituzten paperontzia. Paperontzi hartan kokatuko zuten altxorraren bideko beste urrats bat. Bertako zantzua aurkitzen zuenarentzako saria, noski, Alainek botiloian edan ohi zuen edabearen katxi oso bat izan behar zuen. Eta zein zen edabe hori? Bada, Martini zuria limoizko Kasarekin. Jurdanek ezin izan zuen nazka espresioa disimulatu. Behin, botiloi erdian zeudela, polizia ez baina telebistakoak agertu zirela kontatu zion Aiorak, eta Alain, zorri bat bezain mozkor, martini-limoi katxi bat eskuan, kamerari inuzentekeriak esaten agertu zela igande gau bateko prime-timean. Alainek bere bizitza osoan ez zuela egun hartan baino lotsa handiagorik pasatu ziurtatzen zuen Aiorak. Hori gutxi ez balitz, gainera, bigarren mailako beste kate batzuetan maiz errepikatu zuten Alain umiliatu zuen saio hura, programazio hutsuneak betetzeko. -Bideo hori berreskuratu beharko genuke –proposatu zuen Aiorak-. Norbaitek grabatuta izan behar du. Pertsona arrunt baten istorioak eta ez Santa Maria Gorettiren memoriak, azkenik! Hala ere, mozkor merke bat baino besterik ez zen Aiorak aipatzen zuena. Bideoa erraz eskuratu zuten, norbaitek mugikorreko memoriaren zabor piloan ahaztuta baitzeukan, eta ez zen beste munduko gauzarik, larunbat gau batean txinatarrenean erositako Martiniak berritsu bihurtutako gaztetxo bat besterik ez. Ez zirudien Alainen iraganean gehiegikeria deigarririk egon zenik, drogaz lepo eginda, lo egin gabe, house eta techno dantzan igarotako asteburu osoak edo antzekoak. Alainek ez zuen gehiegikeriarik egin bere gaztaroan edo Aiorak ez zizkion Jurdan bezalako ezezagun bati aitortu nahi? Goizegi zen beharbada oraindik egia jakiteko, baina bide zuzenean zegoen Jurdan eta hari jarraiki benetako Alain nor zen deskubrituko zuen. -Eta Alainen nobio ohiak? Despedidara gonbidatuko ditugu? Endika Egurrola baino lehen zer nolako nobioak izan zituen Alainek jakin nahi zuen Jurdanek. Gazteak, bera baino zaharragoak, zahar eta dirudunak? Haren benetako intentzioen inguruan zantzuak emango zizkion horrek. Baina horrela ezta ere. Aiorak kontatu zionagatik, Alainen nobio ohiak bere adinekoak izan ziren beti, eta, Jurdanek ulertu zuenagatik, adin berekoak ez ezik, bere ikasketa eta gizarte mailakoak ere izan ziren guztiak. Izan ere, harreman luze bi baino besterik ez zituen izan Alainek, Egurrola baino lehen. Bata erizain eskolako garaian, bere ikaskide batekin, hau Belgikara Erasmusean joan zenean amaitu zena. Jada erizain bezala lanean zebilela hasi zuen bigarren harremana, dating app batean –Grindren, zergatik ez aipatu- ezagutu zuen mutil batekin. Zortzi hilabete inguru egon omen ziren elkarrekin, bizitzan xede oso ezberdinak zeuzkatela esanez nobioak harremana bukatu arte. Aiorak kontatzen zuenagatik, nobio ohi honek bizitzari eskatzen zion gauza bakarra, asteburuetan kareleraino jartzeko diru nahikoa baino besterik ez zen, eta Alain, bere aldetik, etxean elkarrekin geratzearen zalea zen. Bizitza helburu bateraezinak, bai, Nietzsche eta Lou Andreas Salomerenak bezala. -Disgustu itzela jaso zuen Alain gaixoak –azaldu zuen Aiorak-, eta epe luzean beste inorekin egoteko gogoa ere ezabatu zitzaion. Endika ezagutu zuen arte. Berriz. Alain “Ezkondu perfektuaren eskuliburua”-tik ateratako pertsonaia anakroniko eta aspergarri bat bezala margotzen tematzen zen Aiora. Jurdan zelatari bat zela deskubritu behar izan zuten, edo susmatu bai behintzat, eta gezurrezko istorio zuri eta distiratsu bat sinestarazi nahi zioten. Hala bazen, ezer gutxi egin zezakeen Jurdanek, Alain, Aiora eta enparauek babes guztiak aktibatuta izango zituztelako, baina, badaezpada ere, amore eman baino lehen bere amarru guztiak erabiliko zituen. Zikin eta lotsagarrienak ere. Gogor jokatuko zuen. -Aizu Aiora, errespetu osoz, adinekoen egoitzetan lan egiten duten erizainei buruz esan ohi dena, egia al da? Badakizu, zuk ere entzuna izango duzu-eta, egoitzetako zaintzaileek atso-agureak limurtzen dituztela haiei dirua ateratzeko. Nik beti egiatzat jo dut, baina egia da ere nik hiri kondairak oso gogoko ditudala eta edozein mozolokeria sinesten dudala. Eta ez pentsa, nik ez dut jokaera hori epaitzen, alderantziz, ongi deritzot hori egiteari. Nik ere egingo nuke. Zaintzaile horiek maitasuna, gozotasuna, laguntza ematen diete atso-agureei, behartsuen dauden momentuan gainera, eta hauek daukatenarekin eskertzen diete, diruarekin. Bidezko hartu-eman bat da, ez delitu bat. Alainek zer kontatzen dizu honi buruz? Jokaldi arriskutsua zen Jurdanena, bere benetako asmoak agerian utz zitzakeen hordago bat, baina ausartu behar zen eta, profesional baten moduan, momentu egokiena aukeratzen jakin zuen: Despedidako xehetasun guztiak antolatzen bukatu zutela ospatzeko, garagardo bat hartzera joan ziren elkarrekin –ohitura bat bihurtzen ari zen Aiorarekin mozkortzea-, eta hirugarrena zeramaten jada golkoan. Beraz, Jurdanen galderak ez zuen horren ausarta ematen, alkoholak eragindako lotsagabetasunaren eta elkarlanak sendotutako konfiantzaren atzean estalita. Barre algara apur bat mozkorti batekin erantzun zuen Aiorak. -Nolakoa zaren! Halakoak bururatu ere! Hobe horrela jokatu izan balu, baina biloba batek bezala maite ditu Alainek bere aitita-amamak. Gainera Alaini dirua ez zaio batere axola. Mundu guztiak bezala, jateko, janzteko eta sabaia bat ordaintzeko behar du dirua, baina hortik harago ez dio garrantzirik ematen. Sinesgaitza da horrelako jendea egotea gaur egun, baina halakoa izan da Alain beti. Gustatzen zaiolako ikasi zuen erizaintza eta bokazioa daukalako lan egiten du adinekoen egoitza batean. Kontatu nizun lanorduetatik kanpo ere joan ohi dela atso-agureekin egotera, boluntario. Dirua ez da helburu bat Alainentzat, nahi duena egiteko bitarteko bat baizik. Eta Alainek egin nahi duenerako ez da diru gehiegirik behar. Gustu apalekoa da Alain, ezagutu beharko zenuke. “Horretan ari naiz.” IX Alainen despedida jaia azkenean arrakasta itzela izan zen edo horrela bizi izan zuen Jurdanek behintzat, nahiz eta hasiera batean, bertaratu ziren gonbidatuen itxura ikusita, arratsalde aspergarri bat izango zela suposatu bazuen ere. Nahiz eta Alainek zerbait usnatuko bazuen ere, despedidak ezustean harrapatu behar zuen, eta hortaz sekretuan egin zuten deialdia Aiorak eta Jurdanek Alainen lagun minen artean. Larunbat arratsalde batean bilduko ziren Alainen etxearen atarian, hau bahituta eramateko. Bada, ospakizunaren eguna eta ordua heldu zirenean, Alainen zain bildu zen jendilajea ikusita, etsipen sentimendua izan zuen Jurdanek. Antolatutako guztiak porrot egin behar zuen talde haren eskuetan. Hasteko, Aiora izan zen taldeko neska bakarra eta hetero bakarra baita. Beste guztiak, dozena bat gazte, cis gizonezkoak eta gayak ziren. Nolakoak? Bada, Alain bera bezalako gazte garbi, serio, dotore eta heziketa onekoak ematen zuten guztiek, Alain bezain gatzgabeak. Ez zirudien despedida jai baterako talde egokiena. Zer egin behar zuten txepel haiek despedida batean? Benetan burua galduko zuten eta Alaini galdu araziko zioten? Nola moldatuko zen Jurdan haiengandik ganorazko zerbait ateratzeko? Eta erizainak ziren haietako erdiak gutxienez! Lanaz hitz egiten botako zutela gaua beldur zen Jurdan. Baina berriz ere Jurdanen aurreiritziak oker ibili ziren. Zorionez. Despedida jai baterako prest zeuden guztiak eta euren ekarpena egiteko ere. Gayak izanik guztiak, despedida heteroen ohiko alderdi lotsagarrienak saihestuko zituztela uste zuen Jurdanek, baina erdizka soilik asmatu zuen. Zorionez ez zuten gomazko zakilkote bat buruan jarriko eta hiritik taldean orroka ibiliko. Horrelako ikuskizun penagarriak ez omen zituzten gustuko. Baina, Jurdanen harridurarako, despedida heteroetako ohiko egitarauaren beste alderdi bat praktikan jartzeko irrikan zeuden guztiak: nobioa mozorrotzeko irrikan, hain zuzen. Jurdanek ez zituen sekula ulertu ohitura horren jatorria eta xedea. Ezkontzera zihoan norbaiti lagunek mozorro umiliagarri bat jartzen ziotenean, Inkisizioaren garaiko kapirote umiliagarriak zetozkion burura. Despedida jai bat omenaldi bat bazen, zergatik orduan omendua kinka horretatik igaro arazi? Zertarako? Eta ezkongaia gay bat zenean, Alainen kasuan bezala, idatzi gabeko kode penal gay batean nobioa mozorrotzea debekatuta eta zigortua egon behar zuela suposatzen zuen Jurdanek, gay estetika eta kulturaren aurkako eraso bezala. Baina ez zen horrela, antza. -Ohituraren jatorria eta zentzua niri bost –erantzun zion Aiorak azalpenak eskatu zizkionean-. Pentsa ezazu gu geuk ere jantzi bat edo traje bat erosi beharko dugula bere ezkontzara behar bezala mozorrotuta joateko eta Egurrolaren laguntxo maridirudunekin nahasteko, agian sekula berriz jantziko ez dugun mozorro bat. Umiliazio horrekin alderatuta, Alaini noziaraziko dioguna txantxa light bat da. Eta arrazoia eman behar zion Jurdanek: Alain eta Egurrolaren arteko ezkontzako giroa nolakoa izan zitekeen buruan irudikatzean, halako esperientzia batetik inork ez zuela igaro beharko erabaki zuen Jurdanek, are gutxiago lagun batek. Alainen etxeko txirrina jo zuen Aiorak eta kalera jaisteko eskatu zion, elkarrekin kafe bat hartzera joateko aitzakiarekin. Alain kalera jaitsi zenean lagun taldea tropelean gainera bota zitzaion bat-batean, eta indarrez soinean zeramatzan arropak erantzi eta mozorroa janzten hasi zitzaizkion. Nobioa mozorrotzearen kontzeptu orokorraren lotsagarritasuna gainditu beharko zuela onartuta, txepel itxurako talde hark asmatutako mozorroa benetan burutsu eta orijinala zela aitortu behar izan zuen Jurdanek. Zertaz mozorrotu zuten, ba? Bada, Alaini berari eta bere lagun taldeari nazka, azkura, hozkamin eta auzo lotsa gehien eragiten zien pertsonaiaz: PPko bozkatzailez alegia. Gominaz eta atzerantz orraztutako ilea, Polo alkandora arrosa, pastel koloreko txinoak, zoru lodidun nautikoak, kolore anitzeko gerriko txirikordatua eta Barboura. Eskuturrean eskafandra baten tamainako erloju bat itsatsi zioten ere. Ispiluan bere itxura ikusi zuenean, goragalea eta botalarria izan zituen Alainek. Ordutik aurrera, despedida gay millennial bat, edo despedida hura behintzat, ohiko despedida hetero lotsagarrietatik oso ezberdina ez zela baieztatu ahal izan zuen Jurdanek. Altxorra bilatu eta aurkitu zuten, bai, eta bidean kopetaraino mozkortu ere. Aztarna bakoitza aurkitutakoan, sari gisa, txupito erronda bat prestatuta zeukaten Aiorak eta Jurdanek. Txepeletako batek ere ez zion behin ere edateko aukerari uko egin eta, afaria izango zuten jatetxera heldu zirenerako, Massielen imitatzaile talde bat ziruditen. Afarian ere ikasketa bidaia bateko nerabe talde gorrotagarri bat bezala portatu ziren. Ikerketa batean murgilduta egon ez balitz, izugarri lotsatuta alde egingo zuen Jurdanek, baina ez, auzo lotsa olde hura larruan jasango zuen mozkortiek beti egia esaten dutelako eta aukera hura ezin zuelako galdu. Alkoholak, nostalgiak eta bestelako sustantziek eragindako nerabezaro artifizial hari probetxua aterako zion. Despedidan bildutako lagun talde hura iruzur kolektibo bateko partaide baziren, Jurdanek susmatzen zuen bezala, haietako baten batek, gaueko uneren batean, alkoholak, kokak eta speedak nahastuta, urrats faltsuren bat emango zuen eta antzezpen guztia agerian geratuko zen. Afal osterako karaoke txapelketa bat antolatuta zeukan Jurdanek, gonbidatuek euren Britney, Madonna, Cher edo Kylieren imitazio hoberenak erakusteko parada izan zezaten eta ospakizun hari gay kutsua, apur bat bederen, nabaritzeko. Britney bai, baten batek hautatu zuen, baina beste hiruretatik bat ere ez zen eszenatokitik agertu; Lady Gaga bai, Rosalía ere, bizpahiru Ariana Grande, baina Madonnarik ez, ezta Kylierik ere. Galduta zegoen belaunaldi hura. -Inork ez al du Kylieren kanturik abestuko ala? –galdetu zuen Jurdanek oihuka despedidaren zarata eta iskanbilaren erdian.- -Baina Kylie Jenner ez da abeslaria, makillaje produktuen diseinatzaile eta influencera da –deiadar egin zion gremlinak bezala gauerdian itxuraldatutako txepel haietako batek-. Nagusiak ez zarete ezertaz enteratzen. Galduta zegoen belaunaldi hura. Erremediorik gabe. Kylie Minogue ezagutzen ez duen belaunaldi batek ez baitauka etorkizunik. Ez zen ezer erantzutera ausartu Jurdan ordea, zeren taldeko batek baino gehiagok Kim Petras izeneko norbaiten playbacka egin nahi zuen eta… nor demontre zen Kim Petras? Pop abestien sarraski haren erdian, mundu guztia garrasika abesten, dantzan eta elkar zapaltzen zebilenean, eta taula gainean gonbidatu ustez txepeletako batek Shakiraren arrakasta baten horrorea areagotzen saiatzen zen bitartean, Aiora bat-batean negarretan lehertu zen. Disimuluz egin zuen, zoko batera baztertu zen inork ez nabaritzeko, baina Jurdan ohartu zen, horrelako tokiz kanpoko erreakzio baten zain zegoelako. Zergatik malko haiek, zergatik negar egin, hura bezalako ospakizun alai baten erdian? Alkoholak eta dena delakoak Aioraren kontzientzia garbitu bide zuten, eta antzezpen guzti hura, iruzur hura urrunegi eramaten ari zirela konturatu bide zen Aiora. Berehala hurbildu zen Aiorarengana Jurdan, kontsolatzeko aitzakiarekin, baina malko haien arrazoia, benetako arrazoia ezagutzeko intentzioarekin. Egia, ezkutatutako egia, azkenik azaleratuko zen. Baina egia ez zen Jurdanek susmatu edo bilatutakoa. -Barkatu –esan zion Aiorak, malkoak paperezko musuzapi batez sikatuz-, ez nuen jaia zapuztu nahi. Oroimen asko etorri zaizkit gaur, Alainekin batera bizitako momentu ugari, eta sentimenduak nahaspilatu zaizkit. Badakizu nolakoa den oroi-mina. Ez pentsa, ez nago triste, pozik nago, zoriontsu Alain ezkontzen delako. Alain zoriontsu ikusten dut eta hori da garrantzitsuena niretzat. Baina min egiten dit nire lagun onenaren gainean jaurtitzen ari diren zabor guzti horrek. Badakizu, jendeak hortik dioena, esamesa guzti horiek… kaka zaharra! Gold digger bat dela dio jendeak lotsarik gabe, Egurrolaren diruaren atzetik dabilela. Telebista saio batean ere entzuna dut. Hara egungo kazetaritzaren profesionaltasuna! Eta nik entzun badut Alainek ere entzungo zuen, eta bere amak, gaixoak. Zergatik hainbeste bekaizkeria, Alain ez badute ezagutzen ere? Alainek ez dio inori sekula kalterik egin, ez dio inori ezer lapurtu. Zergatik ez dute baketan uzten? Maiteminduta dago Alain, zeharo, bestela ez zen ezkonduko. Eta ez dabil Egurrolaren ezta beste inoren diruaren atzetik. Bost axola izan zaio dirua Alaini beti. Alainek bizitzan bilatu duena inguruko jendea zoriontsu egitea izan da, ez dirua pilatzea. Esadazu zuk bestela. Gaur ezagutu duzun Alain horrek urre bilatzaile baten itxura dauka ala? Min ematen dit nire lagunak horrelakoak jasan beharrak. Isildu egin zen Aiora. Negar egiteari utzi zion, baina ez zuen irribarrerik egin. Zerbait gehiago bazeukan esateko. Bota behar zuen edo eztanda egingo zuen. -Bizitza ez da justua. Ez du bakoitzak ereindakoa biltzen, hori gezur ustela da. Gazteak izan arren, badakigu hori dagoeneko. Baina Alainek zoriontsu izatea merezi du eta, zintzoki, zalantzak ditut Endika Egurrola horrek zoriontsu egin dezakeenetz. Tipo iluna ikusten dut. Nire bihotzeko laguna aldamenetik kenduko didalako zeloak dauzkadala izan daiteke, baina ezagutu nuen momentutik eta gaurdaino ez dut lortu hura begi onez ikustea. Sentitzen dut. Eta ahalegindu naiz, zinez. Alain materialista eta interesatu bat dela iradokitzen duten hedabide zikin horiek, zer esan behar dute Egurrolari buruz? Hura bai dela materialista! Etengabe egon behar du bere estatus ekonomikoa zein den azpimarratzen. Nirekin ere egiten du, elkar ezagutu genuen momentutik. Kafe bat hartzen geunden bere etxean eta kikarak zein diseinatzaileenak ziren azaldu zidan, alfonbra zein antikuariorenean erosi zuen, hormako koadro batengatik zenbat ordaindu zuen… Inpresionatuko ninduela suposatuko zuen, nor eta ni! Esnob nazkante bat iruditu zitzaidan orduan eta aurrerantzean ez da irudi hori konpontzen gehiegi ahalegindu. Beti dabil berdin, bere munduaren luxu eta esklusibotasuna nabarmentzen. Ez al dio inork irakatsi gustu txarrekoa dela hori? Dena dela, benetan amorratzen nauena ez da Egurrolaren gustu baldar hori, baizik eta, nire ustez, Egurrolak ezin duela aintzat hartu Alainek zenbat balio duen, zein bakana den. Alain izango da bere bizitzan egongo den luxurik handiena, eta esklusiban izango du, baina ez da gai hori behar bezala baloratzeko. Badakizu zer irudi etorri zaidan burura Alain eta Egurrolaren arteko ezkontzan pentsatzean? Milioidun batek Picasso bat edo Van Gogh bat inbertsio gisa erosi eta kutxa gotor batean gordetzen duenean. Hori da Egurrolak egingo duena. Hortik malkoak. In vino veritas esaerak arrazoi bazeukan, Jurdanen susmoak oker zeuden. Despedida jai osoan zehar, ezta alkohol kopuru beldurgarrien eraginpean eta drogen laguntzarekin ere, Jurdanek ez zuen zentzu ezberdineko adierazpenik edo aitorpenik lortu. Aiorak egoera zaurgarri hartan ez bazuen ezer aitortu edo, hobe esanda, aitortu zuenak Egurrola eta bere lagunen susmo txarrak ukatzen bazituen, orduan, litekeena zen Alain Endikarekin benetan maiteminduta egotea. Alain, Endika Egurrolaren diruaren atzetik zebilen gold digger bat bezala irudikatzen zuten susmoak, agian, Egurrolaren lagun –ustezko lagun- bekaiztien irudimenean soilik existitzen ziren. Tesi honek indarra hartu zuen despedidan gertatukoaren ostean, baina behin betiko egiaztatu edo ezeztatzeko azken froga bat behar zuen Jurdanek, Alainekin berarekin bakarka eta aurrez aurre elkarrizketa bat izatea hain zuzen ere. Jakina, horretarako ere amarru bat landua zuen. X Cockring bat eta sukaldaritza liburu bat oparitu zioten lagunek Alaini despedidan, ordutik aurrera, gizon ezkondu bat bezala, bere gain hartuko zituen eginbeharrak behar bezala betetzen laguntzeko asmoarekin. Edo horixe behintzat adierazi zioten opariekin batera zihoan txarteltxoan. Ospakizunaren iskanbilaz baliatuz, Jurdanek bi opariak ezkutatu zituen, biharamunean Alainek ahaztu zituela sinets zezan. Aitzakia izango zuen horrela Jurdanek Alaini deitzeko eta berarekin bakarka geratzeko. -Ez pentsa galdu dituzunik. Jatetxean ahaztu zenituen eta nik dauzkat. Zuk esan non eta noiz datorkizun hoberen eta nik eramango dizkizut. Jurdanek ez zuen Alainen etxera joateko proposamena egin nahi, ezagutu berri batengandik susmagarriegia litzatekeelako. Kafetegi batean geratu ziren, Arrasti egoitzatik hurbil, astelehenean, igandean Alain hiltzear baitzegoen espero bezala. Erizain uniformea jantzita agertu zen Alain. -Antza, zure lagunen ustean, behin ezkondu eta gero zure lana senarrari bazkaria prestatzea eta harekin sexu harremanak izatea baino besterik ez da izango –bota zion Jurdanek, erdi txantxetan, amu bezala-. -Haiek nahiko luketena! Pozik egongo litzateke haietako bat baino gehiago, egun osoan etxean sabaiari begira, senarraren zain dauden “stay home husband” horietako baten paperean. Txantxa bat dira opari horiek. Soberan dakite nik ez daukadala horrelako asmorik. -Txantxetan nenbilen ni ere. Barkatu iraindu bazaitut. Baina, halere, ez didazu ukatuko Endika Egurrolarekin ezkondutakoan ziurtasun ekonomiko itzela irabaziko duzunik. Lana utz zenezake eta guzti, eta zure gustuko beste bat bilatzeari ekin, inolako presarik gabe. Ezkontzak zure ametsetako lana bilatzeko aukera emango dizu. Edo, nahi izanez gero, lanik egin gabe bizitzekoa ere. Jende askoren ametsa, nirea ez esate arren. Despedidan, bi egun lehenago ezagutu zuten elkar Endikak eta Jurdanek. Ez ote zen goizegi izango horrelako iruzkin bat egiteko? Lagun baten lagunaren etxera lehenbiziko aldiz joan eta honen galtzontzilloen tiraderan bilatzen hasi balitz bezala sentitzen zen Jurdan. Mugimendu arriskutsu bat zen hura, Alainen alarma guztiak piztu eta Jurdanen benetako asmoa agerian uzteko modukoa, baina bestalde, egoera hartan, behin aurrez-aurreko bilera hartara iritsita, Jurdanek ezin zuen itzulinguru gehiegirekin denbora galdu. Oreka zaila. Abantaila bat zeukan Jurdanek, dena dela, Alainen konfiantza berehala eta hasieratik irabazteko: Aioraren berrespena. Aiorak aurkeztu zion Jurdan Alaini, eta despedida antolatzen lagundu ziola azaldu zion. Eta Jurdanek ondo zekienez, gay batentzat bere marizorriarena baino aburu sinesgarriagorik ez dago. Aioraren konfiantzakoa bazen Jurdan, berarentzat, Alainentzat ere izan behar zuen. Abantaila hura zeukan eta jokoan jarri zuen. Arrakastaz antza, Alainek susmo imintziorik gabe erantzun baitzion. -Dirudienez, hori da mundu guztiak uste duena. Zeren mundu guztiak omen dauka nire asmo eta proiektuei buruzko iritziren bat, ezertaz ezagutzen ez banaute ere. Eta “mundu guztia” esapidearekin, nire belarrietaraino iritsi diren zurrumurruengatik, nire senargaiaren lagunak eta hiri honetako gay jende guztia esan nahi dut. Ezkondu ostean nire lana utziko dudala suposatzen du mundu guzti horrek, etxean geratuko naizela senarra noiz itzuliko zain, aurpegiko azala zaintzen eta erosketak egiten, harentzat ahalik ederren egoteko. Loreontzi bat bezala. Hori da nire etorkizunari buruz entzun dudan lehenengo bertsioa, baina lasai, beste bat ere badago-eta: Endikaren enpresan lanean hasiko naizela, maila altuko eta edukirik gabeko postu batean. Horrela Endikak berarengandik gertu eta kontrolpean edukiko nau. Horixe da “mundu guzti” horrek ezkontzaz eta harremanez daukan kontzeptu eskasa! Argi zegoen Jurdanek ateratako gaiak Alain benetan ukitzen zuela. Ez al zen susmagarria ordea hainbesterainoko zintzotasuna ezezagun batekin erabiltzea? Azalpen asko eman nahi zituen Alainek gaiaren inguruan, gehiegi agian. -Senarrarentzat lan egin… Nork nahi du halako zerbait! Nik ez dut nahi nire senarra aldi berean nire nagusia ere izatea. Are gutxiago nire lankideek nire lana serioski aintzat ez hartzea edo nirekin lankideen arteko harreman arrunt bat ez izatea, nagusiaren senarra izateagatik. Zer esanik ez, inola ere ez nuke nahi lanik egin gabe bizitzea, mantendu bat izatea. Lana zigor bibliko bat omen da, bai. Jende gehienak lana, bizitzeko lan egin beharra, gorrotatzen du. Badakit teorian mundu guztia, edo gehiena behintzat, zoriontsu litzatekeela niri eskaintzen zaidan aukerarekin, alegia, lanik egin gabe edo lanaren beharrik gabe bizitzearekin. Kontziente naiz egungo lan merkatuak depresioa eta antsietatea eragiten dituela eta jende gehienak bere lanak gorrotatzen dituela. Ados, baina antsietate eta depresio gehiago eragiten ditu lan faltak. Ez soilik ordainsarien faltak edo diru arazoek, lanaren beraren faltak ere. Nahiz eta zure ametsetako lana ez eduki, nahiz eta lana oso gustukoa ez izan, lan egitean baliozko ekarpen bat egiten ari zarela, baliotsu zarela senti dezakezu. Egia da, baita ere, gustukoa ez duzun lan batean sarritan zure bizitza alperrik galtzen ari zarela pentsa dezakezula, baina lanik ez daukazunean pentsamendu etsigarri horrek lur jota utz zaitzake. Ziur badagoela gizartearen bizkarroi izatearekin pozik bizi den baten bat, mundu honetan denetarik egon behar baitu, baina, nire buruarekin zintzoa izanik, nik ezingo nuke hala bizi. Eta garrantzitsuena dena, nik nire lana maite dut, gezurra badirudi ere. Pribilegiatu bat naiz, beti nahi izan dudan lana daukat. Gezurra dirudiela diot, nire lana, adineko jendea zaintzea, jende gehienak saihestuko lukeenetako bat delako, etorkinei, eta zehazki herrialde txiroetako etorkinei, uzten zaien horietako bat. Ni erizaina naiz izatez, ez zaintzaile, baina nire lana adineko pertsonen osasuna eta ongizatea zaintzea da. Eta maite dut. Zergatik utzi beharko nuke? Hitz egiteko irrikan zegoen Alain, ia ezagutzen ez zuen Jurdan bezalako norbaitekin ere. -Pertsona anonimo bat nintzen ni… naiz… Tira! Hartu nuen erabakia, ezkontzearena, nire bizitzari soilik erasango dio eta ez beste inorenari. Baina hala eta guztiz ere, egun batetik bestera, nire izena eta irudia hedabide guztietan ikustera behartuta aurkitu naiz. Ezertaz ezagutzen ez nauten pertsonak, kazetariak batzuk baina nonzeberri hutsak beste batzuk ere, nire erabakiaren eta nire buruaren inguruko iritzi eta iruzkinak plazaratzen eta hedatzen hasi ziren, lotsarik ezta gupidarik gabe. Horretarako eskubidea balute bezala. Fundamenturik gabeko artikulu eta erreportajeen lehenbiziko andana agertu zenean, nire burua defendatu behar nuela erabaki nuen. Zergatik geratu behar nintzen isilik eraso haien erdian? Nik ere nire bertsioa, egiazkoa, emateko eskubidea izan behar nuen, ezta? Baina Endikak ez erantzuteko gomendatu zidan. Halako kasuetan, erantzuteak esamesa eta zurrumurruen munstroa gizentzeko besterik ez zuela balio esan zidan. Endikaren ustez, artikulu haietako edukia eta tonua probokazio bat ziren, nire erantzuna bilatzen zuena, eta haserre erantzuten banuen haientzat hobeto, amaierarik gabeko eztabaida batean sartzeko. Hortaz, isilik geratzea erabaki nuen eta probokazioei entzungor egitea, baina nire pazientzia gainezka egitear dago. Ez dakit aguantatuko dudan. Hitz egiteko irrikan zegoen Alain, istorioaren bere bertsioa zehatz azaltzeko, eta Jurdana suertatu zitzaion entzule. Halaxe ulertu zuen behintzat Jurdanek Alainen hitz jario geldiezina. Apenas ezagutzen duzun lagun baten lagunari ez diozu zure bizitzaren inguruko hainbeste xehetasun azaltzen, barrua inarrosten dizun eta ahotik erauzi behar duzun triku bat ez badaukazu. Halaxe ulertu zuen Jurdanek, baina Alainen enegarren amarrua izan zitekeen hura eta erne jarraitu behar zuen. Agian Alainek ordurako bazekien Jurdan ikertzaile bat zela edo horren susmoak zeuzkan, eta haren aurrean bere papera maisuki antzezten ari zen. Zalantzak argitze aldera, mihitik tiro egiten jarraitu behar zuela erabaki zuen Jurdanek. -Barka iezadazu esatera noanak nolabait iraintzen bazaitu, oso bestelakoa baita nire intentzioa –gehiegizko formalitatea lagunarteko solas baterako, lasai Jurdan-, baina, kontatzen didazunagatik eta ezagutzen zaitudan gutxiagatik, ez dut ulertzen zer den Endika Egurrolarengandik erakartzen zaituena. Egia da nik Endika Egurrola ezta ez dudala ezagutzen, haren irudi mediatikoa baizik, eta hortaz irudi oker bat izan dezaket, baina Endika Egurrolak nor erakar dezakeen galdetuko balidate, ez nuke zugan edo zu bezalako norbaitengan pentsatuko. Ez gaizki ulertu, mesedez, konplimendu bezala diotsut eta. Diruaz eta diruak eros dezakeenaz erraz liluratzen den norbaitengan pentsatuko nuke, luxuak, dirdirak itsutzen duten norbaitengan. Nik dakidala behintzat, eta oker banago zuzen nazazu, Endika Egurrolak zu baino lehen izan dituen nobioak horrelakoak izan dira. Jendeak kontatzen duenagatik, Egurrolaren etxean egun batetik bestera sartzen ziren, zerbitzariei aginduak ematen hasten ziren, lana uzten zuten (baldin bazeukaten) eta ordura arte sekula sartu ez ziren dendetan erosketak egiten igarotzen zuten eguna. Zu ez zara horrelakoa. Zer ikusten diozu Egurrolari orduan? Errespetu osoaz. Irribarre egin zuen Alainek. Seinale on. Ez zen eserlekutik altxatuko, ez zuen alde egingo. Erantzungo zion. -Lasai, ez, ez naiz iraindua sentitzen. Ez da galdera hori egiten didaten lehenbiziko aldia. Aiorak ere gauza bera galdetu dit eta oraindik noizbehinka galdetzen dit, modu askoz gordinagoan. Ez da sekreturik: Endikarengandik gehien erakarri ninduena bere zintzotasuna izan zen. Zintzoa izan zen nirekin, irekia. Bere intimitatea erakutsi zidan, bere sekretuak, beste inori erakusten ez diona, beti lepotik zintzilik dituen hedabideei ezkutatzen diena. Zaurgarri agertu zen nire aurrean, beldurrik ezta lotsarik gabe, eta horrek berezi sentiarazi ninduen. Ez zuen gustu txarreko amarrurik erabili ni liluratzeko asmoarekin. Bere ligeak txunditzeko erabili omen dituen trikimailuak, nirekin behintzat ez zituen erabili. Ez ninduen Ibizara eraman hegazkin pribatu batean asteburu pasa, ez ninduen hiru izarretako jatetxe japoniar batera afaltzen gonbidatu, ez zidan suitzar erlojurik oparitu. Holako handikeriek atzera botako ninduten. Egia esan, hasiera batean saiatu zen horietako bat edo beste abian jartzen, baina nire erantzuna ezezkoa zela ikusitakoan ez zen tematu. Ez zen tematu gustu baldarreko eskaintzak egiten, baina aldi berean ez zuen etsi. Nigan interesa zeukala frogatzen ahalegindu zen, baina bere ohiko amarruak, betidanik erabili omen zituenak eta arrakasta ekarri ziotenak, alde batera utziz. Eta aitortu beharra daukat hori asko gustatu zitzaidala. Nigatik alor ezezagun batean, berak kontrolatzen ez zituen arau batzuekin jolasteko eta borrokatzeko prest zegoela erakutsi zidan, eta, noski, horrek garrantzitsu eta berezi sentiarazi ninduen. Nirekin Endika beti izan da samurra, gozoa, maitagarria. Nik ez dut ezagutu hedabideetan eta jendearen irudimen kolektiboan agertzen den Endika Egurrola boteretsu eta bere buruaz seguru hori. Ba al dakizu amarekin bizi dela? Oso jende gutxik daki hori. Aita hil zitzaienetik amarekin bizi da. Meritu handiko gauzarik ez dela esan zenezake, aitak utzi zien etxetzarra aintzat hartuta, baina azpimarratzekoa da anaia ez dela sekula bertatik igarotzen eta Endika dela amaz arduratzen den bakarra. Niri xehetasun txiki horrek asko esaten dit pertsona bati buruz. Xinpleegia naiz beharbada. Jurdanek ordurako zeukan harridura aurpegiagatik gaineratu bide zuen Alainek azken esaldia. Jurdan ez zen, ordea, Alainen ustezko xinpletasunagatik harritu, alderantziz: zelatan hasi zitzaionean azkarregia ez zirudien millennial hura, uste baino burutsu eta helduagoa zen. -Xinplea? Bai zera! Orain arte kontatu didazun ezerk ez dauka pertsona xinple baten hausnarketaren itxurarik. Alainen konfiantza irabazi behar zuen Jurdanek, bere zelaira erakarri. Koipea eman behar zion hitz egiten jarrai zezan, lausenguek jendearen babesak gainditzen laguntzen baitute. Baina azken erantzun hau ez zen lausengu faltsu bat izan, bihotzez atera zitzaion. Alain ote zen Jurdan bere zelaira erakartzen ari zena ala? Kontuz, Jurdan. Erne. -Badakizu nola ezagutu genuen elkar? Erantzunik espero al zuen Alainek galdera harentzat? Ala erretorikoa zen itauna? Bai, bazekien nola ezagutu zuten elkar, Egurrolak berak kontatu ziolako enkargua egin zionean, baina Alainek ez zekien horretaz ezer. Alainen beste tranpa bat izan zitekeen galderatxo inozo hura: Jurdanek oharkabean baietz erantzuten bazuen, Egurrolaren mandatari bat zela aditzera emango zion Alaini. Erne egon behar zuen Alain maltzur harekin, bai. Badaezpada ezetz adierazi zion burua astinduz. -Nik lan egiten dudan egoitzan ezagutu genuen elkar. Izeko batentzat, aita zenaren arreba batentzat behar bezalako egoitza baten bila zebilen. Egoiliarrek daramaten bizimodua eta jasaten duten tratua zuzenean ikusi nahi zituen. Izekoak ezin zuen jada bere kabuz bizi eta artatze bereziak behar zituen, baina aldi berean Endikak ez zuen nahi andrea eserleku batean ahaztuta uztea, eta harentzat egokitutako aktibitateak zeuzkan egoitza bat aurkitu nahi zuen. Egoitza bisitatu zuenean justu ni lanean ari nintzen eta bertako egunerokotasunari buruzko xehetasunak eman nizkion. Horrela hasi ginen hizketan. Pentsa, adineko izeko baten ongizateaz ere pertsonalki arduratzen da Endika. Gizarte eta Ekonomia aldizkarietan agertzen den Endika Egurrola boteretsu eta famatuak bere idazkariari aginduko zion lan hori. Eta gainera, hori gutxi ez balitz, “Biloba Ponteko” izan nahi zuela esan zidan. Ez duzu zertaz ari naizen jakingo baina azalduko dizut. Benetakoa zen Jurdanen interesa, Egurrolak biloba ponteko edo antzeko konturik ez baitzion aipatu, ez elkarrizketan ezta briefingean ere. -Boluntario talde batek egoitzan antolatu dugun proiektu bat da “Biloba Pontekoak”. Bertan bizi diren jaun-andreek profesionalen aldetik traturik hoberena jasotzen dute, egoitza garesti bat da-eta, baina haietako gehienei senitartekoen tratua falta zaie. Batzuek ez daukate familiarik, ez seme-alaba ezta bilobarik ere, baina beste batzuen kasuan, nahiz eta ondorengo edo senide hurbilak izan, senide hauek ez zaizkie sekula bisitan joaten. Kasua da, atso-agure hauen egoera ikusita, erizain eta zaindari talde batek aitita-amama hauen biloba pontekoen papera egitea erabaki genuela, gure lan ordutegietatik kanpo eta gure borondatez. Nik pianoa jotzen diet astean behin ordu batez, baina ez da beharrezkoa ikuskizun edo ekitaldi kultural bat antolatzea, bisita bat izan dezatela baizik. Garrantzitsuena laguntasuna da. Bihotzeko aldizkariak irakurtzen eta iruzkintzen die beste batek, esaterako. Bada, Endikari proiektu honi buruz hitz egin nionean liluratuta gelditu zen, ideia zoragarria zeritzola eta berak ere biloba ponteko izan nahi zuela esan zidan. Jende askori entzuna diot horrelakoak esaten, baina gero inor ez da handik agertzen aitita-amamak bisitatzera. Endikak ordea bai, ordutik eta gaurdaino astero egiten die bisitatxoa. Xake partidak jolasten ditu haietako batzuekin eta ekonomia eta enpresa munduaren egoerari buruz solasean aritzen da gai horietan interesatuak daudenekin. Harrituta, ezta? Esan dizut: nik ezagutzen dudan Endika Egurrola ez da Pritzker saridun arkitektoek sinatutako hotelak estreinatzen aldizkarietan agertzen den hori. Biloba pontekoen asunto hau zela eta irten ginen biok elkarrekin lehen aldiz. Aurretik, egia esan, saioren bat edo beste egin zuen berarekin irtetera gonbidatzen, baina aitzakiak jarri nizkion interesa galduko zuela pentsatuz. Zertaz mintzatuko ginen? Azkeneko hotelean inbertitutako milioiez hitz egingo zidan, bere enpresak azken hiruhilekoan lortutako etekinez, Bahamasera bere jetean egindako ihesalditxoaz… Eta nik? Lan txanda aldatu didatela, katua albaitariarengana eraman behar dudala… Planeta ezberdinetakoak ginen. Alferrik zen. Baina aitita-amama pontekoei bisitak egiten jarraitu zuenez, kale egin gabe, interes komun bat gutxienez bageneukala ikusi nuen. Horrela, elkarrekin afaltzera joateko berriz proposatu zidanean (berriro ere egin zuelako) baietz esan nion, baldin erdi bana ordaintzen bagenuen eta jatetxea nik aukeratzen banuen. Ordurako pertsona interesgarria izan zitekeela frogatu zidan, hortaz, zergatik ez nuen hari buruz gehiago jakin nahiko? Pizzeria bat aukeratu nuen, benetako pizzeria bat, italiar jabe eta sukaldariduna, kalitate bikainekoa eta aurrekontu xumeentzat egokia. Ez ginen egun hartan elkarrekin oheratu. Barkatu, ez dakit zergatik kontatzen dizudan hau ezta zergatik horrela adierazi dudan ere. Horrela esanda apur bat puritanoa naizela pentsa dezakezu eta ez naiz, inondik inora. Orokorrean ez daukat norbait ezagutu eta harekin egun berean oheratzeko arazorik. Ezezagunekin oheratzeari eta gau bakarreko aferei ezta ez diet ezetz esaten. Ez naiz sexu abstentzioari nolabaiteko nagusitasun morala ikusten dioten horietakoa. Baina horrela gertatu zen Endikarekin. Nire gogoa, nire asmoa, egun hartan ez zen sexu topaketa bat izatea. Pertsona interesgarri bat ezagutzeko aukera ikusten nuelako geratu nintzen Endikarekin. Ez da egunero gertatzen den zerbait. Ez al deritzozu aparteko plana gure ohiko ingurumenean sekula topatuko ez genukeen pertsona bat ezagutzeari? Nik behintzat bai. Afari hark sexu topaketa batean buka zitekeenik ez zitzaidan ezta burutik pasatu ere. Gainera, zintzoa izanik, Endikak, berarekin oheratuko ez nintzela egiaztatutakoan, nigan interesa galduko zuela suposatzen nuen eta horrela azkenik “baketan” utziko ninduela. Endikaren irudi publikoak pisu handia zeukan orduan oraindik nire pertzepzioan. Afalostean ordea, elkarri agur esan eta bakoitza bere bidetik joateko geundenean, Endikak hurrengoan berak erabakiko zuela plana esan zidan. Bere leku sekretu faboritora joango ginela eta ziur atsegin izango nuela. Behar baino serioago erantzun nion (lotsa ematen dit orain oroitzean) ez zedila gehiegi ahalegindu ni txunditzen. Egun “esklusibo” deitzen dituzten lekuetan, hots, dirudun jendea joaten den jatetxe, hotel edo klubetan deseroso sentitzen naizela esan nion. Ez nion gezurrik esan, oraindik ere gertatzen zait, nahiz eta orduan Endikari oinak geldiarazteko aitzakia bat izan. Barre egin zuen. Horrelako lekuetara ez ginela joango ziurtatu zidan, leku benetan esklusibo batera baizik, jende dirudunena ere ez doan leku batera. Harropuzkeria bat izan zitekeen baina jakin mina piztu zidan eta berriz geratu nintzen berarekin. -Nola ez zizun piztuko ba! Kontatzen ari zaren eran, ni ere zorioneko leku txit esklusibo hori zein den jakiteko irrikan nago eta! -Bere lagunik onena ezagutzera eramango ninduela esan zidan telefonoz deitu ninduen hurrengoan. Ez zirudien gauza handirik edo, hobe esanda, gainbehera bat iruditu zitzaidan, Endikaren lagunak jende amorragarritzat neuzkan eta. Nor ezagutuko nuen? Nik baino hogei urte gehiago izanik ere oraindik enfant terrible bezala aurkezten duten zine zuzendaria? Badakizu nortaz ari naizen. Abangoardiako moda diseinatzailetzat daukaten hori, niretzat talenturik gabeko plagiatzaile bat dena? Laurogeiko hamarkadan punk musikari urratzailea izandakoa, egun zabor komertzialak kaleratzen dituena? Nire belaunaldiko gay jendearen ikur bihurtu duten txoriburu bikotea, gay jendearentzat heteroak bezain klasista eta kontserbadore izateko eskubidea aldarrikatzen dutenak? Edo, zuzenean, Endika bezalako beste enpresari aberats bat, adierazpen transfoboak lotsagabe egiten dituena? Izenik ez dut aipatu behar, ziur soberan ezagutzen dituzula guztiak. Bai, Endikaren lagunen inguruan neukan iritzia ez zen lar ona, ezta egun daukadana ere. Egun oraindik, Endikarekin ezkontzear nagoela, bere lagunek, edo hobe esanda lagun mediatikoek, asko gogaitzen naute. Nagia ematen dit haiekin elkartzeko planak dauzkagunean. Orduan ere haietako bat ezagutzeko ideiak ez ninduen gehiegi erakartzen, baina Endikak nolabait harritu behar ninduela susmatzen nuen, hedabideetan agertzen ez zen lagun ezezagunen bat aurkeztuko ninduela. Eta jakin mina nagia baino indartsuagoa izan zen. -Katu jendea gara gu gayok horretarako –zoriontsu zegoen Jurdan Alainen hitz jarioaz, oharkabe aitormen bat irtengo zitzaiolakoan, baina noizbehinka berak ere zerbait esan behar zuela uste zuen, solasaldiak itaunketa kutsua ez hartzeko-. Jakin min hutsagatik zoko eta egoera xelebre eta arriskutsuetan sar gaitezke. Txano-gorritxo gay izango balitz otsoaren ahoan buruz sartuko litzateke. -Hala da, erabat. Hala sentitu nintzen ni orduan: deseroso eta haserregarri izateko itxura zeukan egoera batean murgiltzeko irrikan nengoen. Gauza gutxi gertatzen zaizkigu! Bada, elkartu ginenean, bere etxera joango ginela esan zidan Endikak. Bere autoan joan ginen, txofer batek gidatuta. Gaizki hasten ginen, horrelako xehetasunengatik hain zuzen ere Endika oraindik Egurrola baitzen niretzat, beste planeta bateko izaki bat. Lekutan bizi zen Egurrola hura! Auzo haiek existitzen zirela banekien, entzuna nuen, baina sekula ez nintzen handik igaro ordura arte. Autoan egin genuen ibilaldia soilik, turismo bezala deskribatuko luke batek baino gehiagok. Poker aurpegia jarri behar zuen Jurdanek, berak ere bide bera eta txofer beraren gidaritzapean egina zuela Alainek susma ez zezan. -Iritsi ginen azkenean Egurrolaren etxera. Espero nuena bezalakoa zen. Handia, garestia, bakana, Egurrola izenarekin jendeak lotzen dituen kontzeptuak biltzen zituen. Ez zen sorpresa handirik izan. Eta orduan zer? Etxea erakutsi behar zidan Egurrolak? Gelaz gela erakutsiko zidan, altzari eta artelanen prezioak iruzkinduz? Nori eta niri? Logela erakutsiko zidan eta bertan gerturatze desegokiren bat saiatuko zuen? Desengainu itzela hartuko nuen halako zerbait egin balu. Ugerdoegia litzateke aldizkarietako Egurrolarentzat ere. Baina ez, ez ginen etxean sartu. Lorategitik paseatzen joan ginen. Suposa dezakezunez lursail erraldoi baten erdian dago etxea, txukun apaindutako lorategi batez inguratuta. Lorategian zehar egin genuen paseoa, hura bai atsegin izan nuela. Mota ezberdinetako txoriak entzun eta ikusi nituen minutu gutxi batzuetan, eta gure hirian, zuk ongi dakizunez, hori ez da ohiko zerbait. Hori bai iruditu zitzaidala luxu bat. Azkenean, lursail zabal hartako txoko batean gelditu ginen, lursaila inguratzen duen hesitik hurbil, magnolia baten azpian. Hilarri bat zegoen bertan. Lau zegoen lurzorua, baina hilobi baten gainean zutik geundela ulertu nuen. Hilarriak zioenagatik “Thunderbolt” zuen izena bertan hobiratutakoak eta hogeita bost urterekin hil omen zen. “Nire lehen zaldia” esan zidan Endikak, “nire lehen laguna”. Zaldi gainean ibiltzen harekin ikasi zuela azaldu zidan, haurtzaroan eta lehen nerabezaroan bere lagun bakarra izan zela. Ba al zenekien Endika zaldi heziera alorrean kirolari sonatua dela? -Banekien, bai. Horrela aurkezten dute beti, “enpresari eta olinpiar kirolari” bezala. Egia esan, apur bat gezurti iritzi diot beti aurkezpen horri. Olinpiar kirolaria dela diotenean goi mailako atleta edo igerilari batean pentsatzen duzu, eta gero, hezieran lehiatzen dela azaltzen dizutenean, ziria sartu dizutela sentitzen duzu. Zeren, azken finean, mundu mailan zenbat jende lehiatzen da zaldi hezieran? Dozena pare bat gehienez, ziur, aberatsen artean aberatsenak gainera. Hezieraren maila gorenean egotea zaila ez dela esango nuke, baldin diru nahikoa baduzu. Hezieran lehiatzeko zaldi oso bereziak behar dira, dirutza itzelak balio dituztenak, milioi erdi eurotik gora entzun dudanagatik, eta horrek zeharo murrizten du kirol horren praktika. Laburbilduz, eta barka itzazu nire aurreiritziak, zaldi heziera ez da kirol bat, aberaskumeen jolas bat baizik, eta alor horretan Olinpiar Jokoetan parte hartzeko ez da besterik behar zaldi hoberena erosteko diru nahikoa edukitzea baino. Ez diot meritua ikusten. Alainen zintzotasun eskuzabalari behar bezalako ordea eskaini behar ziola uste zuen Jurdanek. Noizbehinka erantzun moduko zerbait sartzen bazuen Alainen bakar hizketan, Alainek ez zuen sentituko informazioa erauzten ari zitzaionik. Egurrolaren kirolari merituak zalantzan jartzean gainera, eta Egurrolaren diruarekiko nolabaiteko bekaizkeria iradokitzean, Alainek ez zuen susmatuko Jurdan Egurrolaren mandatari bat zenik. -Horixe bera uste nuen nik ere! –Erantzun zuen Alainek.- Eta hein handi batean egia dela ezin du inork ukatu. Baina egun hartan, magnoliaren azpian, ez zitzaidan burutik pasatu Endika benetan eliteko kirolari bat ote zen edo ez. Benetako Endika nor zen ulertu nuen une hartan. Argi ikusi nuen. Txutxi, Endikaren anaia nagusia –Txutxi! Hori zen Egurrola nagusiaren izen irrigarria! Jurdanek mingainaren puntan zeukana baina irteten ez zitzaiona. Txutxi!-, ederra, liraina zen, kiroletan ona, ikastetxeko futbol taldeko aurrelaria, bere gelako liderra eta ikastetxe osoan popularra, amerikar filmetan dioten bezala. Endika, ordea, Txutxiren anaia potolotxoa baino besterik ez zen, korrika egin behar zuenean bere oinekin estropezu egiten zuena eta helmugara beti azkena iristen zena, talde kiroletarako inolako trebetasunik ez zeukana eta bere taldean inork nahi ez zuena. Txikitandik Endika beti sentitu zen gusturago neskekin jolasten mutilekin baino, eta hortaz, mutilentzako ikastetxe batean ikasten zuenez, ez zeukan lagunik. Txutxiren kasuan, ostera, guztiek nahi zuten bere lagunak izan. Eta hau gutxi ez balitz, suposatzekoa da ere Egurrola aitak seme bietatik zein izango zuen begiko. Ez zen zoriontsuegia izan behar Endika garai hartan. Jakina, ez zen tragedia bat haren egoera, ez naiz hori esaten ari. Mundu guztiak, gutariko bakoitzak, gure arazoak dauzkagu eta bizitzan aurrera egiten ikasten dugu, zailtasun gehiago edo gutxiagorekin, eta Endikak bere bidea aurkitu zuela argi dago. Baina guk, gayok, antzeko egoerak bizi izan ditugu eta Endikak orduan pairatu behar zuena hobeto uler dezakegu, orduan inork ulertu ezta sumatu ere ez zuena egiten. Nik behintzat orduantxe ulertu nuen, Thunderbolten hilobiaren gainean zutik. Haur hari, ez lagunik ez kiroletarako trebeziarik ez zeukan haur hari zaldi hezieran saiatzeko froga egin ziotenean, bizitza aldatu zitzaion. Thunderbolt ezagutu zuen orduan Endikak, bere lehenbiziko benetako laguna, bera ikustean pozik jartzen zen laguna, berarekin aitzakiarik jarri gabe nahi beste ordu ematen zituen laguna, kimak orraztu eta azala eskuilatzea eskertzen ziona. Eta kirolen batean ona, arrakastatsua izaten lagundu ziona. Heziera lehiaketetan Thunderbolt eta Endika ez baitziren pertsona eta zaldi, bi burudun lehiatzaile bakar bat baizik. -Barkatuko didazu hotzegi edo zinikoegi ematen badut –moztu zion Jurdanek-, istorio ederra da kontatzen duzun hori, hunkigarria, baina, ulertu dudanagatik, Endikaren haurtzaroak erruki edo pena sentimenduak eragin zizkizun. Inor ez da pena edo errukiagatik ezkontzen, edo ez luke ezkondu beharko. Arratsalde osoan, edo hobe esanda zelatatzea hasi zuenetik, Alainen urrats faltsuren baten zain egon zen Jurdan. Hura al zen oharkabeko urrats faltsua? Ezkontzeko bere benetako zioak aitortuko zizkion Alainek? -Jakina ez naizela penagatik ezkontzen. Endikak ez dit inolako penarik ematen. Falta zitzaidana! Esan dizut Endikaren haurtzaroa ez zaidala bereziki penagarria iruditzen. Haurtzaro itzelak ezagutu ditut, beldurgarriak! Ziur zuri ere bat baino gehiago datorkizula burura. Endikarekiko nuen ikuspegia aldatzera bultzatu ninduena, “Egurrola” “Endika” bihurtu zuena, Endikak egun hartan bere sekretu nagusia erakutsi zidala izan zen, beste inori erakusten ez ziona. Egun hartan, keinu horrekin, bere ahuldadeak erakutsi zizkidan, bere hauskortasuna, beti ezkutuan gordetzen duen aldea. Bere lehenengo adiskidea bisitatzeko, intimitate une horretarako ez dio inori sarrerarik oparitzen, baina, aldiz, nirekin une hori partekatzea merezi zuela erabaki zuen. Benetan berezi sentiarazi ninduen horrek. Endikak nigan norbait berezi ikusten zuela adierazi eta frogatu zidan egun hartan. Irekiera keinu eder eta ustekabe bat izan zen bere aldetik, eta nik ere keinu hari behar bezala erantzuten jakin beharko nuela ulertu nuen eta nire aurreiritziak laxatu beharko nituzkeela. Azken finean, hura bezalako zenbat keinu eder eta ustekabe neuzkan nire zain? Endikaren erronka onartu behar nuen. Ez banuen onartzen, onartu izan banu zer gerta zitekeen irudikatzen pasako nuen bizitza. Hala eta guztiz ere, hitzekin azaltzen saiatzen naizenean arrazionalegia ematen du guzti honek, sakonki hausnartutako erabaki bat izan balitz bezala, eta ez zen horrela izan. Ni ez naiz hain arrazionala. Endikaren zintzotasun eskaintzari erantzuteko erronka onartu nuen amodioaren lehenbiziko kilimak igarri nituelako egun hartan. XI Agentziako bere bulegoan zegoen Jurdan, idazmahaiaren atzean eserita, Alainen zelatatzean zehar grabatutako bideo eta audioak ordenagailuan berrikusi eta berrentzuten. Berandu zen, bakarrik zegoen, baziren orduak Yeraik biharamunera arte agur esan ziola –eta Yeraik ez zeukan inoiz berandura arte lan egiteko arazorik-, baina Jurdanek ez zeukan etxera joateko gogorik. Atzera egin eta berriz behatzen zituen bideoak, Alain agertzen zen bideo bakoitza. Buruz zekizkien jada eta ezer arrarorik ez zuela deskubrituko bazekien, baina ezin zion Alainen bideoak begiratzeari utzi. Amore eman beharko zuen. Bilatzen zuen ustezko egia ezkutu hura susmo txarreko bekaizti talde baten irudimenean soilik existitzen zela onartu beharko zuen. Ikertzaile pribatu bezala lan egiten urte luzetan ikasitakoa abian jarri zuen, guztia, eta ez zen iruzurrik edo konspiraziorik inondik agertu. Alain eta bere lagunak ez ziren gazte arruntez mozorrotutako iruzurgile profesional talde bat, gazte arrunten talde arrunt bat baizik. Egurrolaren enkargua onartu zuen unetik bazekien posibilitate hura existitzen zela, baina hala ere ezin zuen nolabaiteko porrotaren zapore mingotsa gainetik astindu. Nahiago izango zuen, Egurrolaren dirua xurgatzeko, konspirazio bat azaleratu izan balu ikerketak; estatu mailako kazetari eta poliziek antzeman ere ez zuten zerbait berak, Jurdan Muga ikertzaileak, argitara atera izan balu. Egundoko publizitatea suposatuko zuen horrek, Egurrolaren ezkontzaz arduratzen ziren hedabide guztiak –hau da, estatuko hedabide guztiak- bere lana eta bere izena aipatuko baitzuten. Baina ez, kasu honetan benetako errealitatea eta errealitatearen itxura bat bera ziren. Ez zuen hutsik egin bere lanean Jurdanek, bere ohiko profesionaltasunez jokatu zuen ikerketa osoan zehar, baina emaitza ez zen berak nahiko zukeen bezain txundigarria. Ez zegoen pozik, eta ez zen soilik kasu honetan bere ikerketak hedabideetan oihartzunik izango ez zuelako. Ikerketaren emaitza Egurrolak nahi zuena zen, eta hori zen Jurdani geratzen zitzaion kontsolamendu bakarra. Hasieratik arrazoia zeukala baieztatuko zion Egurrolari, Alain beraz maiteminduta zegoela eta ez zela bere diruaren atzetik zebilen altxor ehiztari bat, eta Egurrolak muturrean igurtzi ahalko zien burua susmo txarrez kutsatu zioten lagunei. Alde horretatik behintzat poztu beharko litzateke, Egurrola bezalako tipo harroputz bati arrazoia emateak ordainsari bereziren bat suposa zezakeelako, hitzartutakoaz gain. Baina ez zen hura nahikoa ordain, antza. Normalean, ikerketa bat amaitzean eta ondorioak bezeroari aurkezterakoan, pozik sentitu ohi zen Jurdan, baina ez zen hori kasua oraingoan. Den dena behar bezala egin zuela bazekien arren, ez zegoen pozik bere lanarekin. Enkargua egin zionari bilatzen zuena eskaini ahal izateak ere ez zuen nahiko asetzen. Ez zegoen pozik. Hutsuneren bat sumatzen zuen bere lanean. Ondoezik utzi zuen ikerketa hark. Agian, ikerketa hari begirada garbi batekin ekin ez ziola onartu beharra zen ezinegon hura eragiten ziona. Bere aurreiritziek gidatu zuten ikerketan zehar. Aldez aurretik ziurtzat jo zuen Egurrola bezalako norbait bere diruagatik soilik izan zitekeela erakargarri, inor ezin zela hura bezalako tipo hutsal, berekoi eta materialista batez maitemindu, haren ondarearen zati garrantzitsu bat eskuratzeko asmoagatik ez bazen. Azken finean, Egurrolaren lagun marisorginek iradokitzen zuten gauza bera. Eta Egurrolak bere lagunei muturrean igurtziko bazien haien aurreiritziak oker zeudela, bera, Jurdan ere, antzeko muturreko baten beharrean aurkitzen zen. Aurreiritziak zeuzkala ikasi zuen ikerketa hartan Jurdanek, eta bere bizitzaren eta munduaren ikuspegia beste edonorena bezain murritza eta mugatua zela, ez zela uste zuen ikertzaile heldu eta oro-jakitun hura. Lezio ederra. Alainek eman zion lezioa. Alainek eraitsi zituen Jurdanen aurreiritzi guztiak. Ikerketa osoan zehar behatu eta egiaztatu zuenagatik, Alain ez zen Jurdanek hasieran susmatzen zuen xinplea. Jurdanek xinpletasuntzat hartu zuena zintzotasuna zen, xalotasuna, zinikotasunik eza. Xalotasun heldu bat zen gainera Alainena, Jurdanek egiaztatu zuenagatik, bizipen eta hausnarketa anitzen ondoren erdietsitako erabaki bat, ez ganorarik ezta adimenik gabeko norbaiten axolagabekeriaren isla. Begi garbiez egiten zion aurre Alainek bizitzari. Gezurrak, iruzurrak, traizioak, azpijokoak topatzen bazituen bere bidean, besteen erabakia izango ziren beti eta, horrenbestez, haien erru bakarra ere. Munduari eta bizitzari buruz horrelako ikuspegia zeukan norbaitek ezin zuen gezurrezko amodio ezta maitasunik antzeztu. Alain, Endika Egurrolarekin ezkondu nahi bazuen, horrela sentitzen zuelako zen. Aberastasunean zein txirotasunean, osasunean zein gaixotasunean Endika maitatu eta errespetatzeko prest ote zegoen galderari baiezko erantzuna ematean, benetako zin egite bat izango zen Alainena. Lasai egon zitekeen Egurrola alde horretatik, Alainek ez baitzeukan gezurretan edo amarrutan aritzeko asmorik txikiena ere. Burua berotu zioten lagunei muturrean joko ahal zien, berak, Egurrolak baitzeukan –ohi bezala- arrazoia. Lasai egon zitekeen eta, aldi berean, eskerrak eman zitzakeen ere Egurrolak. Eskerrak munduari, unibertsoari, patuari, bera bezalako norbaitek merezi ez zuen zortea izateagatik. Jurdanek zelatatze eta ikerketa prozesu guztiaren ondoren ateratako beste ondorio argi bat zen hura, hots, Endika Egurrolak ez zuela merezi Alain bezalako norbait. Endika Egurrolak ez zuen merezi Alainen maitasunaren objektua izatea. Jurdanek zinez sinesten zuen, eta halaxe sinetsiko zuten ere Egurrolaren lagunek eta Egurrolak berak ere bere baitan. Horrexegatik Alainen gaineko susmo txar guzti haiek eta horrexegatik ere Alain ikertzeko erabakia. Baina ikerketak jatorriko susmo aitor-gabe hura berretsi besterik ez zuen egin. Nola esan behar zion guzti hau Egurrolari? Hori zen Jurdanek buruan biraka zerabilen kezka, zelatatzean grabatutako irudiak berrikusten zituen bitartean. Alain egoitzako atso-agureentzat pianoa jotzen agertzen zen haietako batean. Argazki hura ateratzean, Alain jotzen eta abesten ari zen kantua “Everytime” zela gogoratzen zuen Jurdanek. Oraindik ere entzuten ari balitz bezala gogoratzen zuen. Parkean liburu bat irakurtzen, beste batean, eguerdiko luncha jaten zuen bitartean. Liburu hura zein zen asmatzea zaila gertatu zitzaiola gogoratzen zuen Jurdanek. Denbora luzea eman zuen liburuaren azala teleobjektiboarekin enfokatzea lortu zuen arte. Wallace Stevensen liburu bat zen. Alain spinning klasean beste argazki batean, izerditan, txirrindulari arropa estuetan sartuta, giharrak eta hankartea markatzen zizkiotenak. Alain bere katuarekin jolasean. Arrazoi zeukala esan beharko zion Egurrolari, Alain berarekin maiteminduta zegoela. Dirua jaso eta kito. Denak pozik. Beste kasu batekin hasi ahalko zuen. Hain erraza bazen guztia, zergatik ez zegoen pozik, zergatik ondoez hura. Zergatik sentitzen zuen ez zela nahikoa. Zergatik sentitzen zuen Egurrolari egia osoa esateko beharra, Alain bezalako norbait merezi ez zuela, Alainekin ez zuela ezkondu behar, Alain ez zuelako ulertzen ezta behar bezala baloratzen, eta, horrenbestez, ezingo zuelako inoiz zoriontsu egin. Zer axola zitzaizkion berari, Jurdani, haien bien arteko ezkonduen arazoak, baldin bere lana egin bazuen? Egurrolari txostena eman, dirua jaso eta gainerako egia guztiak esan gabe alde egiten bazuen, Egurrolak irabaziko zuen. Egurrolak eta hura bezalako jendeak beti irabazten dute, eta irabazteko eskubidea daukatela sinesten dute. Bada, oraingoan ez, oraingoan ez zuen Egurrolak irabaziko. Handiegia litzateke injustizia. Zer gertatzen zitzaion? Zergatik ezin zuen modu profesionalean jokatu? Kaka zaharra! Hitzordua jarri zuen Egurrolarekin. Taxia hartu eta Egurrolaren helbidea eman zion gidariari. Militar-atezaina ohartua omen zegoen Jurdanen etorreraz, sarrera nagusia parez pare zabaldu baitzion taxiari. Etxeko atearen aurrean, markesinaren azpian gelditu zen taxia. Aurreko aldian bezala, etxezaina zeukan bere zain. Korridoreetan zehar hari segika Egurrolaren bulegora iritsi zen, lehenbiziko aldian bezala ere. Egurrolaren irribarre eta agur adeitsuari ez zion erantzun, eskua serio luzatzera mugatu zen. Ikerketan zehar ateratako argazkien selekzio bat eman zion manila paperezko gutun azal baten barruan. -Hau da jakin ahal izan dudana. Hemen dago Alainengandik ikasi dudan guztia. Eta bai, arrazoi zeneukala sinesten dut: ez zenuke Alainekin ezkondu beharko. Ustekabean harrituta, argazkietatik begirada jaso zuen Egurrolak. Esatera joan zena esaten jarraitu zuen Jurdanek. -Hobe duzu ezkontzaren ideia guzti hori bertan behera uztea. Ez duzu Alain bezalako norbait merezi. Onegia da zuretzat Alain. Ez zenuke ulertuko, ez zenuke inoiz behar bezala maitatuko eta hartaz nekatu ere egingo zinateke. Zure mundu materialista eta hutsaleko norbaitekin ezkon zaitez eta uztazu Alain baketan, zuretzat gurari bat besterik ez baita. Nik burutu dudan ikerketa hau agindu izanak soilik, zure maila moralaren neurria frogatzen du. Eta lasai, ez kezkatu, gomendio guzti hauengatik ez dizut ezer kobratuko eta. Zure sosak, zorioneko sosak, gorde ditzakezu. Ez ditut nahi. Hitzik esan gabe, gelatik irten zen Egurrola. Bizkartzaina gelditu zen Jurdanekin gelan eta, honek ezta hitzik esan ez bazuen ere, etxeko eta jabetzako irteera erakutsi behar zizkiola argi geratu zitzaion Jurdani. Ez zuen hitzik behar mugarri baten sendotasuna zeukan tipo hark bere mezua garbi aditzera emateko: Jurdanek ospa egiteko eragozpenik txikiena jarri izan balu, agian, bere aurpegia ez zen osorik irtengo. Ezta hortzak ere. Erdi ihesean atera behar izan zuen Egurrolaren etxetik –sarrera nagusitik gertu zegoenean, txakur haserre batzuen zaunkak hurbiltzen entzun zituen- eta berehala, segidan, zain zeukan taxia hartu eta Alainengana joan zen. Jurdan ustekabean egoitzan aurkitzeak eragin zion enbarazua ezin zuen disimulatu Alainek. -Barkatu, Jurdan, baina lanean ari naiz momentu honetan eta ezin dut bertan behera utzi. Beste momentu batean geratuko gara. Baina Jurdanek egia, egia osoa kontatzeko erabakia hartua zuen eta ez zuen atzeratzeko asmorik. Bertan, atso-agure eta erizainen aurrean, egia bota zion: -Alain, barkamena eskatu behar dizut ezer baino lehen. Gezurretan ari izan natzaizu denbora guzti honetan, elkar ezagutu genuenetik eta elkar ezagutu aurretik Aiorari ere. Ez naiz ospakizunen antolatzaile profesionalik ezta antzekorik ere. Detektibe pribatua naiz. Endika Egurrolaren aginduz zure bizitza zelatatzen ibili naiz, zuen bien arteko ezkontza bertan behera uzteko arrazoiren baten bila. Ez naiz harro sentitzen, ez pentsa. Lotsatuta nago zeharo, damututa, eta lan horrekin jarraitzeari eta kobratzeari ere uko egin diot. Ehunka lan antzeko egin ditut lehenago eta sekula ez zait antzekorik gertatu. Enkargua onartu nuenean ezin nuen ezta susmatu ere gertatuko zitzaidana, zu bezalako pertsona eder, zoragarri bat ezagutzea eta hartaz itsuki maitemintzea. Zuri gezurretan ibiltzeaz eta ezkutuan zelatatu izanaz damutzen naiz, bai, baina ikerketa ezmoral honi esker zure ezkontzarekin aurrera ez jarraitzeko arrazoi anitz aurkitu ditut eta esan behar dizkizut. Ez dira bilatu behar nituenak, ezta Egurrolaren lagunek iradokitzen zituztenak, aurkakoak dira. Ganora gutxiko aberaskume mizkin hori baino pertsona hobeago bat merezi duzu. Eta Egurrolarekin ez ezkontzeko eskatu zion. Erregutu zion. Baina hau ez da eleberri erromantiko bat. Jurdanen aitormenaren ostean Alain ez zen bera ere maiteminduta zegoela bat-batean jabetu. Ez ziren bata bestearentzat eginak zirela konturatu. Istorioa ez zen bien arteko musu luze batekin amaitu. Alain haserretu egin zen eta jendearengan geratzen zitzaion konfiantza apurra hondatu ziola aurpegiratu zion Jurdani. -Gezurra esan didazu, manipulatu nauzu eta nire uste onaz baliatu zara. Zuri esker, hemendik aurrera ezingo naiz inorekin fidatu. Zu ezagutu aurretik ikusten nuena baino itsusiago ikusiko dut mundua orain. Ni ere zinikoagoa eta mingotsagoa izango naiz, zuri esker. Mila esker. Alde hemendik. Ez zaitut berriz ikusi nahi. Nirekin harremanetan jartzen saiatzen bazara polizian salaketa jarriko dut jazarpenagatik. Agur. XII Alain Endikarekin ezkondu zen. Espero bezala, oihartzun handia izan zuen ezkontzak gizarte arloko albistegietan. Hedabide gehienek ezteiak Kanariar Irletako luxuzko resort batean ospatu zirela nabarmendu zuten, eta Egurrolak, “bere” gonbidatuak ospakizunera garraiatzeko, hegazkin oso bat pleitatu zuela, guzti horrek suposatzen zuen dirutza aditzera emateko. Hegazkin horretako pasaiari famatuenak nortzuk izan ziren ere aipatzen zituzten albiste eta erreportajeek. “Guztiak” zeuden, jakina, inork ez zuen halako gertakari esanguratsu batetik kanpo geratu nahi izan. Aktore eta musikari ezagun pila zeuden gonbidatuen artean, betikoak, hots, euren arloetan produkzio oparorik ez izan arren presentzia mediatikoan txapeldun zirenak, gazte, moderno eta gay edo gay friendly etiketak euren markaren ezaugarritzat landu zituztenak. Politikariren bat edo beste ere agertzen zen argazkietan, eta ez alderdi progresistetakoak haietako guztiak, hura bezalako gay ezkontzen derogaziorako errekurtsoa jarri zuen alderdiko baten bat ere bazegoen. Berez politikariak ez baziren ere, Kultura Ministro ohi biren argazkiak ere agertzen ziren ezkontzaren erreportajeetan. Eta hori gutxi ez balitz, bere ezkontzaren argazki bilduman estatuko botere guztiek ordezkapena izan zezaten, Egurrolak epaile bat ere sartu zuen gonbidatuen zerrendan. Ez edozein epaile, noski, gainerako gonbidatu sonatuen ezaugarriak biltzen zituen epailea baizik, alegia, epaile gazte moderno eta gay bat. Bai, epaile hori, amari bere orientazio sexuala aitortzen eta tortura salaketak ikertzen antzeko barne oztopoak izan omen zituena, lehenengo eragozpena gainditu zuena baina bigarrenak inoiz ez. Eta jakina, Egurrola enpresari zen heinean, enpresari gazte “arrakastatsuak” –kasualitatez edo, beste enpresari arrakastatsuen seme edo alaba zirenak guztiak- ere ontziratu ziren Kanariar Irletarako bidean. Hegazkineko eserlekuak, eta erreportajeetako argazki oin eta iruzkinak, Egurrolaren usuzko kuadrilla eratzen zuten beste aurpegi ezagun askok osatzen zuten. Beraiek nahiko zutena bezain ezagun ez ziren lagun asko zegoen hauen artean, argazki eta bideoetan agertzeko ukondoak erabili behar izan zituztenak. Alainen aldeko gonbidatuen izenik ez zen aipatzen, espero zitekeen bezala. Zertarako, inork ez bazituen ezagutzen. Alainen beraren izena ere ia konpromisoz aipatzen zutela zirudien, argazkietan burua sartu zuen elementu arrotz bat balitz bezala. Telebistetan entzun edo aldizkarietan irakur zitekeenagatik, Egurrola bere buruarekin ezkondu zela ematen zuen. “Alain”, bere senarraren izena edo estreinatutako bere azken hotelarena izan zitekeen. Inori axola ez zitzaion pertsonaia anonimo baten nondik norakoez idatzi edo hitz egin balute publikoak ez zukeen irakurtzen jarraituko edo katez aldatuko zuen. Ezkontzaren irudiak, argazki zein bideoak, hedabideetara nola iritsi ziren ere xehetasunez azaldu zuten gaiaz arduratu ziren kazetariek. Egurrolak ez zuela esklusibarik saldu azpimarratzen zuten guztiek, horrek nolabaiteko nagusitasun moralen bat emango balio bezala. Jurdani Yeraik azaldu zionagatik, pertsonaia famatuen ezkontzetan, aldizkariren batekin esklusibaren bat nahastuta dagoenean, ezkontzaren beraren benetako zioak zalantzan jartzen dira. Nork ziurta lezake horrelakoetan maitasunagatik, eta ez esklusibaren diruagatik, ezkontzen dela norbait? Horrenbestez, Egurrolak esklusiba baten eskupekorik jaso ez zuela azpimarratzean, benetan maiteminduta zegoela iradokitzen zuten hedabideek. Esklusibarik ez eta hedabideetako kamerak sartzeko baimenik ezta ez zuen eman Egurrolak. Gonbidatuak lasai diberti zitezela nahi izan zuen, biharamunean euren argazki lotsagarriren bat aldizkarietan topatzeko beldurrik gabe. Horretarako, erreportari grafiko famatu pare bat kontratatu zituen Egurrolak, ezkontzako une guztietako froga grafiko ederrak lortu zituztenak. Egurrolaren Harreman Publikoetarako taldeak, ondoren, erreportariek ateratako argazki eta bideoen selekzio bat egin zuen eta hedabideei oparitu zizkien. Egurrolaren iritzian, norberaren ezkontzaren argazkiak enkantean saltzea, “diru berriak” ezarritako gustu txarreko ohitura berri bat zen. Egurrolak ez zuela bere intimitatearekin negoziorik egiten, sekula egin ez zuela, horretarako beharrik ez zeukalako, eta irudi haiek banatzean mundu guztiari zein zoriontsu zen jakinarazi nahi ziola komentatu zuten hedabide guztietan. Egurrolak eta bere PPRR taldeak nahi zuten bezala, hain zuzen ere. Alainek ezta ez zuela esklusibarik saldu, ordea, ez zuen inork aipatzen. Berriz ere ezkontza hura ezkontide bakarrekoa zela ematen zuen. Yerairen bitartez jakin zituen Jurdanek ezkontzaren inguruko xehetasun guzti hauek. Yerai, agentzian lanean ari zela, ezkontzari buruz argitaratzen zihoazen albiste eta erreportaje guztiak irakurtzen zituen eta, aldi berean, bere sare sozialetako lagunekin komentatzen zituen. Yerai eta bere ingurukoek, Egurrolaren ezkontzaren asunto guzti hura, hain gogoko zituzten fartsa (pos)moderno horietako bat bezala ikusten zuten, docu-reality, mockumentary, date-show edo antzeko bat bezala, edo horien guztien nahaspila bikain bat bezala. Pertsonaia absurdo haien postureoa noraino irits zitekeen ikustean, egundoko barre algarak botatzen zituen Yeraik bere idazmahaiaren atzetik. Auzo lotsa, hozkamina eta barregura nahasten zituen sentsazio jasanezin eta aldi berean atsegin bat eragiten zion Yerairi –eta bere lagun birtualei ere, antza- kazetarien iruzkinak irakurtzeak edo entzuteak eta irudietan ikusten zenarekin inolako zerikusirik ez zeukatela berresteak. Esaterako, Egurrolaren aldeko gonbidatu guztiak, gonbidatu famatu guztiak, “gazte” bezala deskribatzen zituzten hedabideetan, “epaile gaztea”, “enpresari gaztea”, “politikari liberal gaztea”, “aktore gaztea”… Eta irudietan agertzen ziren pertsonetako batek ere ez zituen berriz berrogei urte beteko. Negar ez egite arren, barre egitea nahiago zuen Yeraik horrelakoak irakurtzean. Iskanbilak azkenean Jurdanen interesa piztu zuen. -Zertan ari zaren jakin daiteke? Erotu zarela ematen du. -Erotzekoa da eta! Begira bestela, begira aurpegi horiek, irribarre faltsu horiek, masail hezur zurrun horiek… Jende hori alkoholetan blai dago eta kokainaz gainezka. Edonork nabari dezake hori. Eta kazetari absurdo honek, aurpegiok “alaitasun eta zoriontasun partekatua” adierazten dutela dio, lotsarik gabe. Ez al da hiltzeko modukoa? Baina Yeraik ez zion bere suhartasuna Jurdani kutsatu. Gogo handirik gabe behatu zituen honek ezkontzaren erreportajeak. Ez ziren jada bere intereseko ezer. Iragan urrun bateko oihartzunak besterik ez ziren, aspaldian ahaztutako lagun bat kaletik bat-batean aurkitu balu eta jada harekin zer mintzatzerik ez zeukala ohartu balitz bezala. Aste gutxi batzuk baino besterik ez ziren joan, ordea, Jurdan Alaini atzetik zelatan ibili zitzaionetik, Alain ezagutu zuenetik, Alainekin maitemindu zenetik. Alaini huts egin zionetik eta hark bere bizitzatik bota zuenetik. Ahanzturazko horma bat eraiki behar izan zuen. Horretan zebilen. Bitartean lan berriak iritsi zitzaizkion –Alainengan ez pentsatzen lagunduko ziotenak-. Egurrolarekin izandako liskarrak ez zuen ondorio larriegirik izan bezero berrien isurian. Beldur zen Jurdan, Egurrola bezain boteretsu eta itzal handiko norbaiti esan zizkionak esan ondoren, bere karreraren gainbehera etorriko ote ez zitzaion. Hiri hartan, gay komunitatean batez ere, eta bereziki bere adineko gayen artean, Endika Egurrola eta bere ingurukoak –ezkontza madarikatu hartako gonbidatuen zerrenda- ziren modan zer egon behar zuen erabakitzen zutenak, onargarri zer zen eta zer arbuiagarri, zer kontsumitu zitekeen eta zer gaitzetsi behar zen. Egurrola eta bere Harreman Publikoetarako taldearen keinu edo iradokizun bakar bat nahikoa izan zitekeen Jurdanek urtetan lortutako izen ona lurretik uzteko. Baina, antza, Egurrolaren publizistek ez zuten denbora gehiegirik galdu Jurdanen ospea zapuzten eta, Yeraik gordetzen zuen agendan, bezero zerrenda garrantzitsu bat zegoen Jurdanen zerbitzuen zain. Jurdan gizagaixo patetiko bat besterik ez zela uste omen zuen Egurrolak eta haren bizitza petrala gehiago hondatzen denbora eta energia xahutzea ez zuela merezi. Enkargu bereziki interesgarri bat nabarmendu zen Yeraik erakutsi zion zerrendan. Yeraik berak gorriz azpimarratu zuen bezero-gaiaren izena, nahiz eta zerrendako lehenengoa ezta bigarrena ez izan. Senar gay engainatu bat zen, ohi bezala, bere senar ustez desleiala zelatatzea eta haren desleialtasunaren frogak lortzea nahi zuena, guztiak, gordinenak ere. Betikoa. Ez zen ezer berririk, ehunka kasu berdin ikertu zituen Jurdanek, xehetasun txiki batetik izan ez balitz: ordainsaria. Yeraik azaldu zionagatik, Jurdanen usuzko tarifaren hirukoitza ordaintzeko prest zegoen adarduna, baldin eta itxarote zerrendan aurreratzen bazuten. Jurdanen aldartearentzat suspergarri eraginkor bat izan zen ordainsari hirukoiztu haren ikuspegia eta bezero hari deitzeko agindua eman zion Yerairi berehala. Bezeroarekin bildu zen, kasu hauetan baliozkoa izaten den informazioa eskatu, gastuetarako diru aurrerapen bat eskuratu eta ohiko prozedura abian jarri zuen. Bazeuzkan jarraitu behar zuen pertsonaren argazkia, bizileku eta lantokiko helbideak, eta etxetik irteteko ordua. Hortik aurrerakoa bere lana zen. Erraza izan zen gainera ustezko adardunaren susmoak berrestea. Zelatatzearen hirugarren egunean, senar desleiala hotel batean sartu zen. Bakarrik. Hotel aurrean aparkatuta, auto barruan itxaron zuen Jurdanek. Ordu pare batera irten zen. Bakarrik ere. Gizonezko bat baino gehiago sartu zen haren atzetik hotelean, eta asko irten ziren hark hotela utzi ondorengo ordu erdian. Haietako edozein izan zitekeen maitalea. Edo haietako bat baino gehiago. Litekeena zen ere maitalea aurretik haren zain egotea hoteleko gelan, edota bertan gelditu izana. Hurrengo aste osoan, Jurdanek ez baitzion begiak gainetik kendu une batez ere, susmagarria ez zen beste gizonekin bakarka eta ezkutuan bildu, bere etxeko ate eta hormen atzean izan ez bazen. Baina justu aste baten buruan, astegun eta ordu berean, berriz hotel berean sartu zen. Ordu pare batez orduan ere. Asteroko hitzordu bat, ile apaintzailearekin edo psikoterapeutarekin bezala. Matrimonio baten ohikeriatik ihes egin nahian, beste ohikeria baten morrontza aspergarrian erortzeko. Argazki sorta ederra atera zuen Jurdanek, noski, hotelean sartzen eta hoteletik irteten zen laguna bezeroaren senarra zela ezbairik gabe frogatzen zutenak. Errazegia. Argazki haiek, hotelean sartzen eta handik irteten, edonork lor zitzakeen, ikerlari pribatu profesionala izan gabe ere. Senarrak berak ere. Eta gainera ez zuten ezer frogatzen, hotel barruan norekin elkartzen zen ez baitzen ikusten, ezta norbaitekin elkartzen ote zen ere. Enkargua egin zion senarraren susmoak berresteko nahikoa izango ziren, baina dibortzio auzi batean epaileak ez zituen aintzat hartuko. Jurdanek zerbait berezi eskaini behar zion bere bezeroari, erdipurdiko beste ikerlari batek lortuko ez lukeena. Hotel hartako gela baten barruan astero gertatzen zenaren argazkiak lortuko zituen Jurdanek, senar zelatatuaren desleialtasunaren froga ukaezinak. Ez zen alferrik bera Jurdan Muga, hiriko gay detektibe pribaturik onena. Hotelarekin aurrez aurre, kaleko beste espaloian, etxebizitzen eraikin bat zegoen zutik. Haren leiho eta balkoiek hotelekoetara zuzen jotzen zuten. Zorte apur bat besterik ez zuen beharko zelatatua eta bere ustezko maitalea biltzen ziren gela aurkitzeko: maitaleek gelako gortinak guztiz ixtea ahaztu izana besterik ez zuen behar. Arretatsuak izan baziren maitaleak euren engainuan, Jurdanek ezingo zuen deus ikusi aurreko eraikinetik, baina, momentuko pasioak bultzatuta, gortinak ez ixteko axolagabekerian erori baziren, haien arteko rendez vousaren irudi ezin hobeak lortuko zituen. Beste xehetasun batean ere lagundu beharko zion zorteak. Hotel aurreko eraikinak hotelak berak baino solairu gutxiago zeuzkan. Alegia, maitaleak hoteleko azkeneko solairuetako batean biltzen baziren ezingo zien erretraturik egin. Zorte apur bat baino besterik ez zuen behar azken finean, profesionaltasuna berak jarriko zuen. Hurrengo astean, astegun eta ordu berean, senar susmagarria hotelean sartu zenean, bere egitasmoari ekin zion Jurdanek. Segundo gutxi batzuk besterik ez zituen behar izan portaleko atea irekitzeko, txirrinik jo gabe eta eraikineko bizilagunak erne jarri gabe. Urteak zeramatzan horrelakoak egiten, ez zen meritu handirik. Ateak giltzarik gabe zabaltzea, ikerlari profesional batentzat, mediku batentzat auskultatzea bezalakoa da, oinarrizko maila. Behin eraikinaren barruan, solairuz solairu igotzen hasi zen, arretaz, isilean. Solairu bakoitzeko korridorean leiho batek kaleko argia sartzen uzten zuen eta, beraz, kalera eta kaleko beste aldera begiratzea permititzen zuen ere. Argi anitz ikus zitekeen hoteleko geletan piztuta. Gela ugari behatu beharko zituen. Bertatik, lehenengo solairutik, hasita. Prismatikoak zeramatzan aldean, jakina, zelatari profesional baten moduan, zelatari profesional eta eskarmentudun baten kalitatezko prismatikoak. Sartzear zegoen eguzkia, eguna amaitzen, eta prismatiko haien ikusmen infragorria baliozkoa gertatuko zitzaion handik gutxira. Ez zen sexu jairik ikusten gela haietan. Hoteleko garbitzaileak ari ziren haietako batzuetan. Laneko bidaian omen zeuden jaun-andre bakartiak beste askotan. Bakarrik afaltzen. Telebistari begira. Ordenagailua altzoan lanean. Kanpai joka haietako baten bat. Bikote oso gutxi. Leiho ondoan, gortinak zabalik, musuka haietako bat. Ez, ez zen Jurdanek bilatzen zuena. Bikote hetero bat zen hura, eta gizonezkoa ez zen bezeroaren senarra. Langile bidaiari bakarti gehiago. Gelako leihotik kanpora erretzen, haietako bat baino gehiago. Beste bikote hetero bat. Telebistari so, elkarri hitzik esan gabe. Eta bingo! Bosgarren solairuan azkenik. Eskerrak, eraikinak sei solairu besterik ez baitzeuzkan eta hotelak hamar. Mesanotxeko argi bat izan ezik beste argi guztiak itzalita zeuzkan gela batean, gortina erdizka itxiek uzten zuten arrakalatik, zelatatua identifikatu zuen Jurdanek. Beste gizonezko bat zegoen harekin. Eta sexua izan behar zuen biek elkarrekin zerabiltena, gortinen arteko arrakalan agertzen zirenean sumatu zitekeenagatik. Bi gorputzek talka egiten zuten eta, Jurdan zegoen distantziara, bien arteko muga ezin zitekeen argi desberdindu. Jurdanen ikusmiratik kanpo zeuden denbora gehienean baina, tarteka, planoan sartzen zitzaizkion, esan bezala, gorputz bakarra bailiran, jauzika, bultzaka, izerdika ari zen gorputz bakar bat bezala. Bai, sexua izan behar zuen. Eta behar bezala dokumentatuko zuen Jurdanek. Distantzia hartara eta gortinek uzten zuten tarte eskasean zehar ezingo zuen kalitatezko argazkirik lortu, baina Jurdan Mugaren zerbitzuak kontratatzen dituenak badaki gainerako ikertzaile pribatuak iristen ez direnera ere Jurdan, nolabait, iristen dela. Hiru aste jarraian, astegun eta ordu berean, hotel berean elkartu zen senar desleiala bere amorantearekin. Apustu egingo zuen Jurdanek gela berbera ere erreserbatuta zeukatela aste batetik bestera. Horretan oker ez bazegoen, erraza suertatuko zitzaion maitaleen arteko bileraren irudi eta soinuak lortzea. Hasteko, amodio habiatzat zeukaten gelaren zenbakia asmatu behar zuen. Ez zeukan inolako zailtasunik: leihoaren posizioa hoteleko sute arriskutarako planoekin erkatzea baino besterik ez zuen egin behar. 511. gela zen. Biharamunean hoteletik igaro zen eta gela bat alokatu nahi zuela esan zuen. -Posible balitz, 511.a nahiko nuke. Jokalari profesionala naiz eta betidanik zorte ona ekarri didate 5ak eta 11k. Harrera mahaiko neskak ez zuen ezer bitxirik antzeman holako eskakizun batean, xelebrekeria handiagotara ohitua baitzegoen. Behin gela barruan, kamera eta mikrofono nahiko ezkutatuko zituen Jurdanek, bertan gertatzen zenaren lekukotza zalantza gabea eskuratzeko. Jokalari profesionalarena hoteleko pertsonalaren susmoak saihesteko pertsonaia bat besterik ez zen, ez zen jokozalea Jurdan, baina orduan behintzat bete-betean asmatu zuen apustua: hurrengo astean, aurreikusitako orduan, 511. gelan sartu zen senar desleiala. Halaxe ikusi zuen Jurdanek, agentziako bere bulegoan eserita, bere ordenagailuko pantailan. Jaka eta gorbata erantzi eta armairuan txukun eskegi zituen zelatatuak. Kopa bat jarri eta itxaroten eseri zen, oheburuko argia baino beste guztiak itzalita. Minutu gutxi batzuen ondoren atea zabaltzen jaiki zen. Maitalea izan behar zuena sartu zen gelan. Agur musua emateko, maitaleak esku bakar batekin idunetik gogor heldu zuen zelatatua. Elkarri musuka, hozka eta iletik tiraka egiten zioten bitartean biluztu ziren, oraingoan arropak txukun eskegi gabe eta gela guztian barreiatuta utzirik. Maitaleak berarekin zeraman eskuko maletatxo batetik pilula pote bat eta popper botilatxo bat atera zituen. Pilula bana irentsi zuten eta poppera usnatu. Segidan maitaleak belarrondoko pare bat jo zizkion zelatatuari –Jurdani berari ere min egin zioten, inondik inora espero ez zituelako-. Ondoren, ohikoa: fellatioa, zigorkadak, ukabilkadak, dildoak, txiza –dekadente batek “urrezko euria” deituko zuena- eta horrelakoak. Jurdan antzeko zelataldietan ikustera eta grabatzera ohitua zegoena, azken finean. Kito. Lana egina zeukan. Grabatutako irudi eta soinuetatik esanguratsuenak aukeratzea baino besterik ez zitzaion geratzen, bezeroari erakusteko. Hori eta berriz hoteletik igaro, berriz 511. gela alokatu eta kamera nahiz mikrofono ezkutu guztiak berreskuratu. Bezeroari dei egin zion dossierra prest zeukanean. Telefono zenbaki hura ez zela existitzen erantzun zion andrazko ahosdun robot batek. Jurdanen telefono konpainiarekin arazoren bat izan behar zuen bezeroak. Jurdani ere gertatzen zitzaion hornitzaile batzuekin. Yerairen telefonotik deitu zion. Erantzun berdina jaso zuen eta berdina izan zen ere robotaren ahots zuria. Itxaropen handirik gabe, telefono gidan bilatu zuten bezeroaren izena –bai, oraindik ere badaude telefono gidak-, lan enkargua sinatu zuenean idatzi zuen izena eta eskaini zion aurkezpen txartelean agertzen zena. Ez zen –noski- gidan agertzen. Posta elektronikorik utzi ez zuenez bezeroak, sare sozialen bitartez harekin harremanetan jartzea proposatu zuen Yeraik, baina, berriz ere, hark emandako izena sareetan bilatutakoan, erantzun gutxi itzuli zizkieten bilatzaileek eta haietako batek ere ez zirudien bezeroaren kontua izan zitekeenik. Facebook, Twitter, Instagram, Tinder, Grindr, Wapo, Linkedin… denetan saiatu ziren izena bilatzen baina, izen bereko kontuak aurkitu bazituzten ere, profiletako argazkiak aztertzean, bezeroaren aurpegia ez zen inondik agertzen. Ulertezina zen halako zerbait Yerairentzat. Sare sozialetan konturik ez zeukan norbait! Ikusi beharrekoak! Nola komunikatzen zen, hortaz, bere inguruarekin, familiarekin, lagunekin, lankideekin? Sare sozialak sortu aurretik ere jendeak gizarte harremanak bazeuzkala azaldu behar izan zion Jurdanek Yerairi. -Sinestezina baderitzozu ere, gure belaunaldiko jendearen artean aurrez aurre eta begietara begira hitz egiteko elkarrekin geratzeko ohitura daukagu oraindik. Telefono bidez deitzen diogu elkarri ere, eta ez dugu eraso bat bezala sentitzen. Bezero honek nire adinekoa ematen zuen eta, hortaz, litekeena da nik bezala hark ere sare sozialen beharrik ez izatea. Agian ez du une oro egiten ari dena, pentsatzen ari dena, sentitzen ari dena argitaratzeko beharrik izango, ez ditu beharko besteen etengabeko atentzioa eta oniritzia. Holakoak ere oraindik existitzen garela gogoan izan behar duzu. Pentsa ezazu gainera bezero honek bere senar desleiala zelatatzea agindu zigula. Horrelako kezkak dituen pertsona ezkondu eta monogamo batek Grindr, Wapo eta antzekoen beharrik ezta ez daukala esatera ausartuko nintzateke. Ez da hain arraroa. Ez zen gehiegi kezkatu Jurdan bezeroarekin harremanetan jartzea ez lortzeagatik. Azken finean bezeroak berak interes handiagoa izan behar zuen Jurdanekin kontaktuan jartzeko, alderantziz baino. Bere senarraren desleialtasunaren froga grafiko behin betikoak eskuratu nahi bazituen, berak deituko zuen handik lasterrera. Hala ere, Jurdanek bere ordainsaria jaso nahi zuen ahalik eta azkarren, bere aurreko lanean –Egurrolarentzat egindakoan- ez baitzuen kobratu, eta bezeroaren deiaren zain ez zela geldituko erabaki zuen. Bezeroaren bizilekua zein zen bazekien, bezeroak berak eman baitzion bertan hasteko senarraren zelatatzea, eta bertara joatea erabaki zuen Jurdanek, argazkiak eman eta saria hartzeko. Zelatatzea hasi zuen egunean bezala, etxe aurrean itxaron zuen goiz batez senarra –senar desleiala, zelatatua- irten arte. Ondoren, sarreraraino hurbildu eta txirrina jo zuen. Itxuraz Europa ekialdekoa ematen zuen mutil gazte batek zabaldu zion atea. Ilehoria, begi-zuria, sendoa. Txalekodun traje eta gorbataz jantzita zihoan baina jaka ez zeraman aldean. Alkandora urdinaren azpian gihar hipertrofiatuak sumatzen zitzaizkion. -Egun on. Agirre jaunarekin hitz egin nahi nuke –esan zion Jurdanek gazteari, hori baitzen bezeroaren abizena-. -Sentitzen dut baina oker zaude. Hemen ez da Agirre izeneko inor bizi –erantzun zion “errusiarrak” atea eusteari utzi gabe-. -Agian izena oker hartu nuen, baliteke –Jurdan, harridura eta atsekabea disimulatzen-, baina hemen bizi dela badakit berak eman zidalako helbidea. Etxeko jauna da, etxeko jaunetako bat, hemen lan egiten baduzu jakingo duzu nortaz ari naizen. Berrogei urte ingurukoa, metro eta laurogeita bost, indartsua, ilehoria… Jurdan Mugak berarekin hitz egin nahi duela esango diozu, mesedez? -Etxe honetan lan egiten dut, bai –errusiarraren tonua entzundakoan konturatu zen Jurdan oharkabean aurreiritzi arrazistak sartu zituela bere azalpenean eta horrek ez ziola lagunduko errusiarra bere laguna bihurtzen-, baina berriz diotsut hemen ez dela horrelako inor bizi. Eta suposa dezakezunez, nire lanarekin jarraitu behar dut. Egun on. Atea ixtera zihoan. -Momentu bat! Itxaron! –atea eutsi zuen Jurdanek, urduri-. Errusiarrak bota zion izotzezko begiradak hotzikara eragin zion bizkarrezurrean gora. -Atea ixten ez eragoztea gomendatzen dizut, jauna, edo poliziari deitzera behartuko nauzu. Horiexek izan ziren errusiarraren hitzak, baina bere begiek iradokitzen zutena eta Jurdanek ulertu zuena beste zerbait izan zen: “Zure lepoa lasto bat balitz bezala puska nezake nire esku biluziekin”. Bere profesionaltasunak kale egin zuela eta hasiberri trakets bat bezala jokatzen ari zela ohartu zen Jurdan. Begirada jaitsi –gorilen aurrean hala egin behar omen dela irakurria zuen nonbait- eta atetik aldendu zen, errusiarrak astiro eta danbatekorik gabe bere muturrean ixten zuen bitartean. Segurtasun sarrailak ixten entzuteko astia ere izan zuen. Ziria sartu zioten. Txantxa egin zioten, iseka. Baina zergatik? Zertarako? Nork? Halako zerbait gertatzen zitzaion lehen aldia zen. Hainbeste urteren ondoren! Bulegora joan zen, bere atsekabea Yerairi ordainarazteko asmoarekin. -Nola ez zenion identifikazio agiririk eskatu! Ez dakit zergatik ordaintzen dizudan ere, nirekin lanean daramazun denboran ez baduzu hain oinarrizkoa den zerbait ikasi. Den-dena nik egin behar dut. Ezin naiz zutaz fidatu. Yerai, zorionez, trebatuta zegoen halako lekuz kanpoko errieta eta oihu arrazoigabeak aldarte lasai eta heldu batean entzuten, jasaten eta erantzuten: hegazkin konpainia batean lan egindakoa zen. -Ados. Arrazoi duzu. Barkatu. Aurrerantzean ez da antzekorik gertatuko, zin degizut. Baina, nik hemen ikusi eta ikasi dudanagatik, bezeroei ez diegula sekula identifikazio agiririk eskatzen zin egingo nuke. Anonimotasuna gorde nahi dute gure bezeroek sarritan, eskatzen dizkiguten ikerketak legearen eta etikaren ikuspegitik zalantzak eragiten dituztelako. Behar bezala identifikatuko bagenitu, noizbait deskubrituak izateko arriskua igarriko lukete bezeroek eta ez genuke bezerorik izango. Horrexegatik ere eskudirutan ordaintzen digute ia beti, nik dakidala, gurekin izan duten harremanaren aztarnarik txikiena ere utzi nahi ez dutelako. Horrelakoa da gure negozioa. Zuk irakatsi zenidan. Gorroto zuen Jurdanek millennial berritsu hura. -Hori irakatsi al dizut nik? Aitzakiak jartzen eta erantzukizuna zure nagusiari leporatzen? Badakizu zer erakutsiko dizudan ere? Aurpegia berotuta eta ipurdian ostikada bat hartuta, Langabezia Bulegora ahalik lasterren iristeko bidea. Hobe duzu isilik egotea eta eragin duzun arazoari konponbide bat bilatzen hastea. Ia nola asmatzen duzun bezero mamu hori nor demontre den. Ez zen trebeegia Jurdan faboreak eskatzen. -Ados. Berehala. Interneten bilatuko dut. -Hara! Hori bai ideia! Nola ez zitzaidan niri bururatuko! Ez al dizut esan izen faltsua eman zizula? Ez didazu aditzen hitz egiten dizudanean. Tentelduta zaudete zure adinekoak, beti mugikorrari so. Internetek edozertarako balio duela sinesten duzue, baina ez, noizbehinka Internetetik irten beharra dago eta mundu errealari aurre egin. -Ez, ez dut izena bilatuko, argazkia baizik. Zelatatuaren argazki pilo daukazula esan didazu, ezta? -Nola argazkia bilatu? Zer da hori? Jurdan eta Yerairen arteko solasean bat-batean zabaldu zen leize hura, belaunaldien arteko arrakala deritzona zen, puri-purian. -Googlen hitzak bila ditzakezun bezala, irudiak ere bila zenezake, paisaia bat edo monumentu bat non dagoen aurkitzeko adibidez. Baina Google enpresa amerikar bat da, mendebaldekoa, eta ez du uzten aurpegien irudiak bilatzen, pribatutasunaren babesa eta horrelako asuntoengatik. Aitzitik, badago errusiar bilatzaile bat hainbeste kezka eta ardurarik ez daukana eta aurpegiak bilatzen dituena. -Ez dut deus ulertu. Zer da, Shazam antzeko bat baina aurpegiekin? Irudi bat sartzen duzu eta izena itzultzen dizu? -Antzeko zerbait. Aurpegiaren irudia sartzen duzu eta antzeko aurpegiak itzultzen dizkizu. Horien artean justu bilatzen duzuna baldin badago, irudi hori non argitaratuta dagoen miatuz, sare sozial batean, albistegi batean… aurpegia norena den aurki dezakezu. Proba dezagun. Bidal iezadazu bideoa. Tipo bien aurpegien irudi argienak aukeratuko ditut eta ea bilatzaileak zer esaten digun. Yeraik idazmahaiko ordenagailuan irudiak sartzen zituen bitartean, Jurdanek zutik haren sorbaldaren gainetik emaitzak behatzen zituen. Ikertuaren irudi bat sartuta, algoritmoak itzuli zituen irudi guztiak ikertuaren beraren irudiak ziren. -Interneten presentzia esanguratsua duen norbait izan behar du tipo honek –esan zuen Yeraik bilaketaren emaitza ikusitakoan-. -Ona ala txarra da hori? Argi hitz egidazu gero! –Jurdan, sua egiten lehenbiziko aldiz ikusten zuen haitzuloetako gizon baten izu eta lilura berdinekin-. -Famaduna dela esan nahi du horrek, ezaguna dela, baina baliteke ere Interneten soilik sonatua den norbait izatea, erdipurdiko famatu bat alegia. Begira dezagun. Argazki haietako bakoitzak egunkari edo aldizkari digital batean argitaratutako albisteren batera zeraman. Albiste guzti haien goiburuek Txaber Abasolo izeneko politikari bat, haren kargua, haren alderdia edo hirurak batera aipatzen zituzten. Ikertua, senar desleiala, astero hotel gela batean Sade Markesaren liburuetatik edo Madonnaren Sexetik ateratako eszenak antzezten zituen hura, politikari famatu bat omen zen, alderdi kontserbadoreko “Migrazio, Familia eta Gizarte Arazoetarako Arduraduna”. Begirada pantailatik jaso eta bere atzean zeukan Jurdani zuzendu zitzaion Yerai. -Txaber hau nik ez ezagutzea ez da harritzekoa, baina zu holako gaietan, politikan eta, aditua zinela uste nuen. Zure adinekoak gai horietaz arduratzen zarete, zuentzat argitaratzen dituzte albiste hauek. Ez al zinen konturatu politikari baten atzetik ari zinela? Iseka ari zitzaion Yerai? Errietan? Ironiaz eta ausardiaz jokatzen ari zen edo soilik inkontzienteki? Ohi bezala, Jurdanek ezin zuen ziurtatu. -Nire adina aipatzen jarraitzen baduzu gatazka bat izango dugu, zuk eta biok. Eta ez, ideiarik ere ez neukan. Politikarien aurpegiak eta izenak ezagutzen ditudala uste al duzu? Guztienak? Bai, zu baino apur bat gehiago arduratzen naiz gure zergen dirua nork maneiatzen duen jakiteaz, nire dirua baita azken finean, baina ministro guztien izenak ezta ez dakizkit. “Nire adineko” gehienak bezala, bide batez. Eta politikarien nonahiko eta etengabeko adierazpenak ez ditut aditzen, hots zuri bezala entzuten ditut. Abasolo hura ez zuen ezagutzen Jurdanek, baina ezagutu beharko zuen bezero iruzurgilea nor zen aurkitze aldera. Bilatzaile errusiarrak itzulitako albiste eta artikulu sorta hark zantzuren bat eman beharko zion, argi izpiren bat. Txaber Abasolo hark, bere erakunde karguaren jardunean, egindako adierazpenak jasotzen eta iruzkintzen ziren artikulu haietan. Bitxiak. Deigarriak. Halaxe iritzi zien Jurdanek begirada laster batean. Albiste haietako batean, migratzaileek gizarte laguntzak lortzeko amarru guztiak zekizkitela zioen Abasolok, laguntza guztiak bereganatzen zituztela eta bertako familiak deus gabe geratzen zirela haien erruz. Jakina, adierazpen hauek babestuko lukeen daturik ez zen inondik agertzen. Ondo legoke zenbat diruz ari zen jakitea, zenbat migrantez, zenbat laguntza ukatuez, baina Abasolo hura hegeliarra omen zen, abstraktuki mintzatzea zuen atsegin. Migratzaileek, bertako bizimodura egokitu ordez, euren kultura inposatu nahi zutela zioen beste batean. “Kolonizazio kultural” horren aurka defendatu beharra aldarrikatzen zuen, eraso bat baitzen hura. Migrazioa, Abasolo zoro haren ustean, Islama hedatzeko estrategia bat zen, kristau kulturak eraikitako gizarte eta baloreak menderatzeko asmoa ezkutatzen zuena. Eta guzti hau, kolonizazio kulturala, kristautasunaren menderatzea, diru publikoaren bahiketa… indar politiko progresisten baimen eta laguntzarekin egiten omen zuten migranteek. Guzti horiek, migratzaile eta progresistek, ezkutuko hitzarmen bat zeukatela iradokitzen zuen Abasolok, kristau familien balore eta gizarte ereduak gorrotatzen zituztelako. Edo antzeko zerbait, Abasoloren hizkera, politikari guztiena bezala lanbrotsu eta korapilatsua baitzen. Konspirazio sekretu horren frogatzat, kristau familien aurka progresistek egindako erasoen zerrenda bat aipatzen zuen: abortuaren legeztatzea, sexu bereko pertsonen arteko matrimonioa, transexualitatearen despatologizatzea, ikastetxe publikoetako ikasgeletatik gurutzeak eta erlijio eskolak desagertu izana. Sexu aldaketarako ebakuntza gizarte segurantzak subentzionatua izatea eta, aldi berean, haurren hortz aparatuak gurasoek ordaindu beharra, kristau familien ereduaren aurkako beste eraso bat bezala aipatzen zuen zehazki. Zehazki, zeren Jurdan eta Yeraik birritan irakurri behar izan zuten, eta halere ez zuten lortu lotura haren atzean zegoen logika ulertzea. Kristau familiak, “pertsona normalak”, “goiz jaikitzen diren pertsonak” babesgabe eta arriskuan zeudela errepikatzen zuen behin eta berriz Abasolok bere adierazpenetan, bale urdinez edo liburu dendez hitz egiten ari balitz bezala. -Urregorrizko bitxi bat, zure lagun hau –bota zuen Yeraik-. Simaur pilo hau irakurri ondoren ez zait argi geratzen biktima edo borrero naizen, “normala” naizen edo migratzaile transexual abortularien konspirazioaren pieza bat. Inor baino goizago jaikitzen naiz ni eta! -Neofatxismoaren katixima buruz daki honek. Oinarririk gabeko datu faltsu batzuk, inkontziente kolektiboan beldurra eragin dezaketen irudi batzuk, falazia logiko ugari eta gizakion berezko bekaizkeria eta geurekoikeria kitzika dezaketen mezu liberal sorta bat, dena ongi nahastua eta irabiatua. Zurrutadaka irensten du jendeak, batzuoi goragalea eragiten badigu ere. -Senarraren izena, gure bezeroarena, aitzitik, ez da inon aipatzen, ezta ezkonduta dagoenik ere. Dena den, hautu bitxia iruditzen zait alderdi fatxa honek egin duena, ideia ultraeskuindar higuingarri hauek barreiatzeko gizon batekin ezkonduta dagoen gizon bat aukeratzea. Txaber Abasolo honekin Milo Yiannopoulosen bertsio bat egin nahi izan dutela ematen dit, baina erdipurdiko imitatzaile bat atera zaie. -Xaloegia zara, Yeraitxo, beti bezala. Bestelako susmoak dauzkat nik, txarragoak. Begira ea zer dioen Wikipediak Abasolori buruz, ea han senarra aipatzen duten. Wikipedia soilik ez eta alderdiaren webgunean ere miatu zuen Yeraik Abasoloren egoera zibilari buruzko datuen bila. Senarrik ez zen inondik agertzen. Ezkonduta zegoen Abasolo, bai, baina andre batekin eta bi seme-alaba –biologikoak- zeuzkaten. Jurdanen susmo txarrenak berretsi ziren: txandrioa egin zioten. Nori eta berari, Jurdan Mugari. Nola ez zen ohartu! -Ziria sartu digute, Yerai. Azpijoko bat izan da kasu guzti hau. Susmoa daukat gurekin bukatu nahi duela norbaitek. Hala bada, kasu honen inguruko informazio guztia suntsitu beharko dugu, zirt edo zart. Laster! Amorantea eta bezeroa nortzuk diren jakin behar dugu. Bila itzazu tramankulu horretan. Azkar! Hoteleko gelan grabatutako bideoetatik Abasoloren maitalearen irudiak atera zituen eta errusiar bilatzailean sartu, maitale hura benetan nor zen aurkitzeko. Bilaketak itzultzen zituen irudi gehienak ez ziren hotel gelan Abasolorekin sexu sesioak ospatzen zituen tipoarenak, harekin hazpegiren bat partekatzen zuten europar ekialdeko pertsona ezezagunenak baizik. Maitaleak, antza, ez zeukan Abasolok bezain beste presentzia Interneten. Arretaz behatu behar izan zituzten argazki haiek maitale misteriotsuarena zen baten bat aurkitu arte. Bat aurkitu zuten, aspaldikoa zirudien eta iragazkiak zeuzkan baina maitalearena zen, ziur. Txaperoen zerbitzuak alokatzeko webgune batean argitaratuta zegoen argazkia. Suposatzekoa zen. Abasoloren ustezko maitalea profesional bat zen, hoteleko gela bezala astero erregulartasunez kontratatzen zuena. Nor zen orduan ustezko senar engainatu hura? Agentziako segurtasun kameren grabazioetatik lortu zituzten haren aurpegiaren irudiak eta bilatzaileari egin zioten galdera. Oraingoan bai, pertsona beraren irudi ugari itzuli zituen bilaketak. Ustezko senarra pertsona ezaguna zen Interneten, edo behintzat bere irudia Interneten zehar hedatzen zekien norbait. Argazki onena, erakargarriena hautatu zuten lehenbizi bezero iheslariaren identitatea argitzeko. Zuri-beltzez ateratako argazki profesional bat zen, senar faltsuaren lehen plano bat, kamerari so “altzairu urdin” begiradarekin. Aktore agentzia baten webgunera zeraman argazkiak. Gilen Basabe izeneko aktore bat omen zen Abasoloren senar bezala aurkeztu zitzaien laguna. Laugarren mailako aktorea izan behar zuen, zeren, nahiz eta webgunean argitaratuta zeukan curriculumean hainbat telesailetan lan egindakoa zela esan, ez Jurdanek ezta Yeraik ere ez zuten haietako batean ere Gilen haren parte hartzea oroitzen. Erdipurdiko curriculum hartaz gain, harremanetarako telefono bat ere agertzen zen agentziako webgunean, norbaitek Basabe kontratatzeko interesa balu. Ziztu bizian deitu zuten. -Sentitzen dugu –erantzun zien andereño benetan atsegin batek-, Basabe jaunak atsedenaldi bat hartu du bere aktore karreran eta momentuz ez duela lan eskaintzarik onartuko jakinarazi digu. Ez zuten erraz amore emango. Ekoizle famatu baten izenean deitzen zutela errepikatu zioten andereñoari, Gilen Basaberen lanaren miresle zena eta proiektu berri garrantzitsu baterako kontratatu nahi zuena. -Ahalik eta lasterren aurkitu behar dugu Gilen Basabe. Hil ala biziko gauza da. Ekoizpena abian dago jada eta Basabe barruan egotea ez badugu ziurtatzen bigarren aukerarengana jo beharko dugu. Zuek, agentziak, mauka ederra galduko zenukete ere, kasu honetan ordainsariaren %15a ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Hil ala biziko gauza zen, bai, eta horrek gezurtxo bat edo beste esatea justifikatzen zuen. -Tamalez, ez dago gure eskuetan. Hiritik kanpo egongo dela esan digu Basabe jaunak, baina ez du zehaztu non eta ez du harremanetarako biderik utzi ere. Duela ordu gutxiko berria izan da guretzat ere eta ezustean harrapatu gaitu. Haren fitxa gure webgunetik kentzeko astirik ere ez dugu izan. Dena den, Gilenen profilaren antzeko beste aktore interesgarriak badauzkagu, Manex Ugalde adibidez. Badakizue nor den, ezta? Gilen Basabe baino askoz ezagunagoa da eta caché oso antzekoa dauka. Eta, gure artean, egia esan beharra badago, aktore hobeagoa ere bada. Eskertu eta eskegi egin behar izan zuten, “55 egun Pekinen” filmerako adina aktore kontratatzera behartuak izan baino lehen. Basaberen sare sozialetako kontuak ere desaktibatuta zeuden. Ez zen geratzen haren aztarna birtualik. Argi zegoen: Gilen Basabe senar engainatuaren papera egiteko kontratatu zuen norbaitek, eta kontratatu zuen pertsona berberak aztarnarik utzi gabe ihes egin eta ezkutatuta egoteagatik ordaindu zion ere. -Gu biok ere hobe dugu honen eredua jarraitzea, agentzia berehala itxi eta oporrak hartzea, bakoitzak besteari nora doan esan gabe eta epe jakinik gabe. Baina orain, azkar, kasu honen inguruko informazio guztia deuseztatu behar dugu. Argazkiak, grabazioak, dokumentuak, dena! Berehala! Edo gureak egin du. -Nik ere? –Yeraik ez zituen ziriaren nondik norakoak ondo ulertu oraindik.- Oporrak dauzkat? Ordainduko dizkidazu? Edo kalera botatzen ari zatzaizkit? Batzuetan ez zaitut ondo ulertzen. -Yerai, laztana, ez galdetu hainbeste eta mugitu ipurdia. Hilabete oso bateko soldata ordainduko dizut aurretik, urrun bazoaz eta isilik. Baina lehenik Abasolo kasuaren informazio guztia ezabatu behar duzu. Berandu zoaz jada! XIII Ezabatze eta garbiketa prozesuaren erdian zeudela sartu zen Polizia agentzian. Miaketa agindu bat zekarten, epaile batek sinatua. Eta atxilotze agindu bat ere, Jurdanen aurka. Estortsio delitu baten saiakera leporatzen zion epaileak. Ordenagailu eta artxibategiak konfiskatu bazizkioten ere, ezer gutxi aurkituko zuten haietan poliziek, hotelean grabatutako irudi eta soinuak ezabatzeko astia izan zutelako, poliziak agentzian sartu zirenerako. Lasai zegoen Jurdan alde horretatik. Baina behin polizia-etxean bere aurkako bestelako froga andana erakutsi zioten Jurdani. Txaber Abasoloren –eta bere familiaren- etxearen aurrean aparkatuta nola itxaroten zion grabatu zuten etxeko segurtasun kamerek, eta baita, Abasolo etxetik irteten zenean, nola atzetik jarraitzen zion. Hotelaren aurreko etxebizitza eraikinetik Abasolo eta bere maitalea prismatikoz zelatatzen grabatu zuten ere. Hoteletik bertatik atera behar izan zituzten irudi haiek, teleobjektiboren batekin. Eta guztien artean froga erabakigarriena izango zena, intimitatearen aurkako erasoa zalantzarik gabe agerian uzten zuena: hoteleko gelan kamera eta mikrofonoak ezkutatzen grabatu zuten ere. Hoteleko bertako segurtasun kamerekin egin behar izan zuten hau, jakina –legezkoa ote zen hotel batek bere bezeroak grabatzea?-. -Nire lana egiten ari nintzen. Ikerlari pribatua naiz eta bezero baten enkargua betetzen ari nintzela uste nuen, baina txandrioa egin didate. Abasolo hori politikari bat zenik ez nekien. Agirre izeneko lagun batek bere senarra zelatatzea agindu zidan eta senarra Abasolo zen. Eta Agirre hura Basabe izeneko aktore bat suertatu zen. Badakit horrela esanda ez daukala zentzu handirik, baina zergatik zelatatuko nuke nik politikari bat bestela? Gay bikoteen arazoak ikertzeagatik bereizten da nire agentzia, ez politikarien arteko gerra zikinean. Bila ezazue, Gilen Basabe hori, ez da urrun egongo. Hark argituko dizue egia. Norbaitek azpijoko makur bat antolatu dit. Ez zioten sinetsi, baina argi utzi zioten gainera, kontatu zien guztia egia balitz ere, defentsa eskasa zela hura hain froga eztabaidaezinen aurrean, ikerlari pribatuaren lanak ez baitu baimentzen pribatutasunaren urraketarik. Soberan jakin beharko zuen Jurdanek, zioen bezala, eskarmentudun ikerlari profesionala baldin bazen. Epaileak ezta ez zion sinetsi. Ahuldade eta hutsune ugari zeuzkan haren ustez Jurdanen istorioak. Txaber Abasolo pertsonaia publiko bat zen eta mundu guztiak zeukan edo eskura zezakeen haren gaineko informazioa. Edonork jakin zezakeen andre batekin ezkonduta zegoela, harekin agertzen baitzen jendaurrean, baina, ostera, oso jende gutxik jakin zezakeen gizonezko maitale bat zeukala. Jurdanek jartzen zuen aitzakia, hots, Abasolo nor zen ez zekiela hura zelatatzea agindu ziotenean, ez zen epailearen ustez sinesgarria –egia esan, erdi mailako logikaz begiratuta, ez zen sinesgarria-. Agentziako segurtasun kamerek grabatutako Basaberen irudiak berreskuratu ahal izan zituen Yeraik eta epaileari aurkeztu zizkion. Irudi haietan ikus zitekeen Jurdanek kontatzen zuena egia zela, Basabek, Abasoloren senarra bezala bere burua aurkeztuz, hau jarraitzea eta zelatatzea agintzen ziola. Baina Gilen Basabe aktorea ez zen inondik agertu, epailearen aginduz poliziak bilatu bazuen ere, eta ezin izan zuen Jurdanen bertsioa berretsi edo ukatu. Epaileak, hortaz, ez zion baliorik eman irudien frogari. Bere ustean, litekeena zen Basaberen istorio guzti hura Jurdanek berak antzeztu izana, Abasoloren zelatan harrapatua izateko kasuan aitzakia bat izateko. Ikerketa amaitutakoan –laster bukatu zuten- zera ondorioztatu zuten fiskalak eta instrukzio epaileak: Jurdan Muga, mundu guztiak zekienez eta berak aldarrikatzen zuenagatik, gizonezko homosexualen sekretuak ikertzen aditua zen, dibortzio kasuetarako frogak lortzeko batez ere. Bere lanagatik, hiriko gizon homosexualak euren jarduera intimoetan aritzen ziren leku guztiak ezagutzen zituen Muga jaunak, saunak, sex klubak, prostituzio pisuak, cruising guneak, eta haietatik ibili ohi zirenak ezagutzen zituen. Horrela jakin zuen Jurdan Mugak, Txaber Abasolo politikari ultrakontserbadoreak beste bizitza pribatu bat zeukala, publikoan erakusten zuenaz aparte. Abasoloren bizitza ezkutu horren froga grafikoak lortzea erabaki zuen Mugak, epailearen eta fiskalaren ustean, txantajea egiteko. Beste guztia, gezurrezko senar engainatua, txandrioa… aitzakiak ziren, aurrez antolatutako aitzakiak, delitu bat zena justifikatzen saiatzeko. Kartzelan sartu zuten. XIV Nola ez zen lehenago ohartu. Kartzela barruan argi ikusi zuen guztia, baina beranduegi zen jada. Urguilua koipetu zioten eta bere harrokeriak, ongi hanpatuak, zuhurtzia lausotu zion. “Hiri honetako gay detektiberik onena zara”, “zure zerbitzuak eta ez beste inorenak behar ditut”. Entzun nahi zuena esan zioten eta amua irentsi zuen. Berria balitz bezala. Enkargu hari kiratsa zeriola usnatu behar izan zuen. Edonork suma zezakeen. Errazegia zen. Inork ez ditu hoteleko gortinak eta pertsianak zabalik uzten maitale sekretu batekin dagoenean. Are gutxiago bere benetako pribatutasuna ezkutatzen Abasolok adina esperientzia duen pertsonaia publiko batek. Abasolo eta bere maitalea astero ordu berean elkartzen ziren hotela Roaming katekoa zela jabetu behar izan zen. Harrokeriak itsututa egon ez balitz, susmoak piztuko zizkion horrek.
AURKIBIDEA sinopsia parte hartzaileak Nerudaren postaria I II III IV VII VIII IX X XI XII XIII XIV XV Epilogoa sinopsia Istorioa Txilen kokatzen da, 1969tik 1973ra bitartean hain zuzen. Mario Txileko herriska batean bizi den mutil gaztea da. Mario arrantzan aritzen da bere aitarekin batera, baina ez du inolaz ere gogoko egiten duen lana. Behin posta bulegoko atean zintzilik dagoen notatxo batean postari laguntzailea behar dela irakurri eta bitan pentsatu gabe bere burua aurkezten du. Marioren lan berria gutunak Isla Negrara eramatea izango da, zehatzago esanda, Pablo Nerudari eraman beharko dio posta. Poetak idazteko eta lasai egoteko etxetxoa du Isla Negran. Egunen joanean adiskidantza berezia sortuko da bien artean. Nerudak olerkien mundua hurbilduko dio Mariori, metafora aberats, ezti eta zentzualez osaturiko unibertsoan murgilduko du. Mariok Beatriz Gonzalez ezagutu eta itsu-itsu berarekin maiteminduko da. Neska erakartzeko Nerudari laguntza eskatuko dio. Txileko Lehendakaritzarako hauteskundeak ospatzear daude. Alderdi Komunistaren hautagaia Neruda da eta beraz, kanpainan parte hartzeko badoa Isla Negratik. Mariok bere kabuz maitemindu beharko du Beatriz, ez du beste erremediorik. Halere, gauzak ez zaizkio berak nahi bezala ateratzen. Rosa, Beatrizen ama oztopo gaindiezina da. Neruda Isla Negrara itzuliko da, alderdi ezkertiarrak elkartu eta hautagai bakartzat Salbador Allende aurkeztu dutelako. Nerudaren laguntzari esker Mariok Beatrizekin ezkontzea lortuko du. Allendek hauteskundeak irabazi ondoren Neruda Txileko enbaxadore izendatzen du Parisen lan egin dezan. Allenderen garaipenak, lorpen sozialei dagokienean, aurrera pausu ikaragarria suposatuko du. Dena den, Estatu Batuetako multina- zionalak eta Txileko sektore kontserbadoreenak ez datoz bat gobernu berriak hartu duen norabidearekin eta Allende kargutik lehenbailehen kentzea erabakitzen dute. Horretarako desestabilizazio plan bat jartzen dute martxan. Txileko ekonomia krisi sakonean murgiltzen da. Mario egoera hau sufritzen duenetako bat da, baina batez ere, Neruda, bere lagun mina berarekin ez dagoelako sufritzen du. Txileko egoera larriagotuz doa, estatu kolpearen mehatxua argia da. Gauzak horrela, Neruda Isla Negrara bueltatzen da, baina gaixo dago eta Mariok ezingo du ikusi. Augusto Pinochetek, beste komandante batzuekin batera, ordenu konstituzionalaren kontra eraso egiten du. Inork ezingo du estatu kolpea eragotzi. Mariok Nerudarengana joan eta berarentzat dagoeneko pilatu den posta eramatea erabakitzen du. Neruda hiltzorian dago. Biak elkarrekin daudela soldaduak hurbiltzen dira eta... parte hartzaileak Pablo Neruda – Fernando Delgado, Ramón Castro Mario Jiménez (postaria) – Txetxu Altolagirre Cosme (posteteko zuzendaria) - Patxi Ugalde Rosa Gonzalezen alarguna – Justi Larrinaga Beatriz Gonzaalez – Katrin Shegel Labbé diputatua – Jokin Oregi, Mikel Martinez – Zuzendaria – Carlos Panera Egokitzapena – Jokin Oregi eta Carlos Panera Itzulpena – Patxo Telleria Zuzendari-laguntzailea – Mikel Martinez Eskenografia – Carlos Panera eta José Ibarrola Argiztapena – Javier Ulla eta Jon Mezperuza Jantziak – Teresa Antón Atrezzoa – Juan Marchante Publizitatea – Paradox Ileapainketa eta makilaia – Aitor Marcos Argazkilaria – Mikel Alonso Ikusentzutekoak – Eneko Lorente Dokumentazioa – Julen Elosegi Musika-grabaketa – Estudios Tío Pete Talde teknikoa – Jon Mesperuza. Justo Ozaeta. Jose Luis Carreira "Karre" Kudeaketa, banaketa, ekoizpena – Maskarada S.L Nerudaren postaria I Posta bulegoa. COSME ohar bat idazten ari da, geroago sarrerako atean kokatuko duena. MARIO sartzen da. MARIO: Egun on. COSME: (Bere lanean buru belarri) Zer nahi duzu? MARIO: Ea nirea heldu den. COSME: Baina... Ez al nizun esan ba, zerbait iristekotan neronek eramango nizukeela etxera? MARIO: Bai, baina ez zara etorri, eta... COSME: Horrek esan nahi du zuretzako ezer ez dagoela. MARIO: Barkatu, zera pentsatu dut, akaso ahaztu zaizula edo... COSME: Ba oker zabiltza. MARIO: Nere aitak ere horrelako nahasteak izaten ditu. COSME: Ni ez naiz zure aita, ordea. MARIO:Gau batzuetan alarguna dela ahaztu eta amarekin hasten da hizketan... Orain arrantzan dago. COSME: Eta zuk... ez zenuke berarekin egon behar? MARIO: Hotza harrapatu dut. COSME: Aha... MARIO: Txaluparen hezetasunagatik da. COSME: Hummm. MARIO: Txalupara sartu eta bereala harrapatzen nau burutik beherakoa. COSME: Ulertzen dut. MARIO: Alerjikoa naiz, agian. (Etena) Ez duzu begiratu behar? COSME: Begiratu zer? MARIO: Kajoiren batean egon liteke, galdurik. COSME: Ez dagoela ba, aldizkaririk! Cosmek bere oharra bukatu du eta ateruntz doa eskegitera. MARIO: Ezinezkoa da! (Postal bat ateratzen du kontu handiz) Argi asko dago hemen idatzita: "Aldizkari bat bidaliko dizut, Hollywoodeko aurtengo aktoresa onenen argazkiekin; niri gehien gustatzen zaidana Raquel Welch da. Gustabo, zure lehengusu maitea" Berak badaki ni txoratzen nauela... zineak. Urte erdia pasa da jaso nuenetik. COSME: (Atetik mostradorera bueltan) Ahaztu egingo zitzaion. MARIO: Ahaztu zer? COSME: Zuri bidaltzea. MARIO:Eta zergaitik ahaztu behar zitzaion, eh? COSME: Nik zer dakit, ba, Estatu Batuetan jendeari gauzak ahaztu egiten zaizkio. Txoro asko dabil hortik. MARIO: Gustabok nazio ederra dela dio, eta lan eta diru ugari dagoela... Eta gu, berriz, hemen, bah! (Etena) Ez zenuen ba zuretzat gordeko! Cosmek begirada zorrotz batez erantzuten dio. MARIO: Ez, seguraski bidean galduko zen. Txileraino iristeko, esku askotatik pasatuko zen eta... Beno, seguru asko ahaztu egin zaio. (Etsiturik) Agur. COSME: Humm.... Mario badoa. Handik lasterrera sartzen da berriz. COSME: Eh, motel, erotu egingo nauzu azkenean! MARIO: Ez, ez da hori. Atean ipini berri duzun oharragatik da. Postari laguntzailea behar omen duzu, bizikleta eta guzti. COSME: Eta? MARIO: Nik badaukala bizikleta. COSME: Benetan? MARIO: Erakutsi egingo dizut! COSME: Ez dago beharrik. MARIO: Kanpoan daukat. COSME: Bai, bai... (Zalantzan dago) Beno, kontua zera da, korreoa Isla Negrara eramango duen norbait behar dudala. MARIO: Bidea primeran, ezagautzen dut. COSME: Mundu guztiak ezagutzen du. MARIO: Baina nik ere bai! COSME: Ez pentsa aparteko lana denik. Soldata kaxkarra da. Eskupekoak baino ez dute irabazten postariek gehienetan. MARIO: Niregatik, ondo dago horrela. COSME: Arazoa da kasu honetan hartzaile bakarra dagoela; zinera astean behin joateko ozta ozta ailegatuko zaizu. MARIO: Pertsona bakar bat? COSME: Isla Negran denak dira analfabetoak. Fakturak ere ez dituzte ulertzen. MARIO: Eta, nor da bezero hori? COSME: Pablo Neruda. MARIO: Pablo Neruda! Emakumeek maite duten poeta? COSME: Pablo Neruda, Herriak maite duen poeta. MARIO: Herriak bai, baina emakumeek ere bai; informatiboan entzun nuen. COSME: Bai, baina batez bere herriak. MARIO: Ahh! Zeu ere komunista zara, Neruda bezala? COSME: Ez, ni sozialista naiz. Baina langile naizen aldetik, poeta miresten dut. Ados? MARIO: Ados. Eta zertan dabil Isla Negran? COSME: Etxea dauka bertan. Liburu berriren bat edo idaztera etorriko zen. Poeta batek toki lasaia behar du inspiratu eta lan egiteko. Baina egia esan ez dut uste pakerik aurkituko duenik, egunero sakukada bat gutun jasotzen du eta. Nahiko lan izango duzu zorroa gainean duzula bizikletaz aldapan gora igotzeko. Aurreko postaria gamelu baten konkorrarekin jubilatu zen. MARIO: Nik, nik ez dut sekula kartarik jaso. Gustaboren postal hau baino ez. COSME: Gaztea zara oraindik. (...) Zihur lana nahi duzula? MARIO: Bai, ziur. COSME: Zer esango du zure aitak? MARIO: Ezer ere ez. Poztu egingo da. Beti ari da lan bat bilatu behar dudala esaka. Eta San Antonion bertan lortu dudala esaten diodanean, are pozago. Horrela esku bat eman ahal izango diot etxeko beharretan. COSME: (Etena) Ondo, ederto. Cosme dut izena. MARIO: Cosme. COSME: Zure ugazaba berria naiz, eta Don Cosme deitu beharko zenidake, baina esan dizudanez, sozialista naiz, beraz ez dago beharrik. (Onarpen idazki bat ateratzen du) Baina ez duzu ahaztu behar erabat debekatuta dagoela bezeroei lanarekin zerikusirik ez duten kontuekin molestatzea. Itzal handiko gizona da poeta. Agurtu, eskerrak eman eta eskuopekoren bat ematen badizu, eskerrak ematen dizkiozu ostera ere. MARIO: Oso ondo. COSME: Zu zara Mario...? MARIO: Jimenez, Mario Jimenez. COSME: (Idazten du) Ondo, Mario. Hona hemen zure txanoa eta zorroa. Derrigorrezkoa da txanoa erabiltzea. Gaur hamabosta da. Hogeitazazpia da soldata jasotzeko eguna. Galderaren bat? MARIO: (Etena) Noiz hasiko naiz? COSME: Konstipadua sendatutakoan. MARIO: Zer konstipadu? II Nerudaren etxeko kanpoaldea. Mario heltzen da. Bizikleta utzi eta ateruntz doa. Deitu baino lehen entsaiatu egiten du. Zorrotik liburu bat atera eta Nerudaren aurrean balitz bezala dihardu. MARIO: Egun on, maisu jauna. Korreoa. Barkatu, maisu jauna, sinatuko zenidake? (Ez dago oso zihur). Egun on, poeta jauna... maisu jauna. Korreoa. Zure liburua eskainiko zenidake? Berriro saiatzen da) Korreoa... sinadura... Egun on, maisu jauna. Korreoa ekarri dizut. Mario dut izena. Bai, beno,(Barre egiten du) arrazoi duzu. Pablo eta Mario letra kopuru berbera dute, a ze gauza bitxia. Hona hemen zure gutunak. Aizu, barkatu, maisu jauna, aspalditik daukat zure liburu bat. Sinatuko al zenidake? Aldean daramat. Beste kasualitate bat. (Etena) Hola, maisu jauna... Egun on, maixu jauna. (Beste aukera bat frogatzen du). Epa, maisua etxean dago? Bere korreoa ekarri diot. Ez, ezinezkoa da. Nik neuk eman behar diot. Egun on, maisu... poeta jauna. Zure korreoa. Barkatu baina neronek eman behar dizut. Eskerrik asko. Ez nuke enbarazorik egin nahi, baina, sinatuko zenidake, mesedez? (Beste saio bat). Egun on, maisu. Liburua sinatzen badidazu korreoa emango dizut, zer deritzozu? (Balekoa). Egun on, maisu jauna. Zure korreoa. Sinatuko al zenidake? Azkenean ere deitzera ausartzen da. Zalantza une baten ostean bizikletaren txirrinaz deitzea erabakitzen du. Egin egiten du. Neruda agertzen da. Mario ateraino hurbiltzen da. PABLO: Egun on. MARIO: Egun on. PABLO: Korreoa? MARIO:Bai. Nerudak posta hartu eta eskupekoa ematen dio. MARIO: Barkatu, maisu jauna, zera esan nahi nizun, inoiz zerbait behar baldin baduzu, esnerik edo ogirik, edo... nik... PABLO: Ez, mila esker. Ondo dago dena. MARIO: Baina inoiz San Antoniotik zerbait ekarri behar baduzu... PABLO: Ez dut ezer behar, milesker dena den. (Etxera sartzen da berriro). MARIO: Ez duzu eskerrik eman beharrik. Egun on. Mariok liburuari so egiten dio, oraindik sinatu gabe dago. Azkenean beste egun baterako uztea erabakitzen du. Bizikleta hartzen du. Une horretantxe Neruda azaltzen da beriro, kartak dituela, bankuan irakurtzeko asmoarekin. PABLO: Ez duzu lanik egin behar? MARIO: Inguru honetan zeu zara gutunak jasotzen dituen bakarra. Zu ez bazeunde, akabo nire soldata. PABLO: Betirako bizirik irauten saiatuko naiz, ba, langabezian geratu ez zaitezen. (Mariok ez du Langabezia hitza ulertzen). Langabezian... lanik gabe. MARIO: Lanbide polita dirudi, jendeari gutunak eramatea. Labur laburra egin zait San Antoniotik honainoko bidea. Ez naiz sekula horren azkar etorri. Eta zorroa ta guzti, gainera. Oso lan... PABLO: (Mostuz). Pozten naiz. Beno ba, eta orain, axola ez bazaizu... MARIO: Gustora asko jasoko nuke neuk ere gutunen bat inoiz. Beno, bat bidali behar zidaten, baina ez dut uste jada helduko denik. Zer sentitzen da? PABLO: Gutunaren arabera. Lagun min baten heriotzaren berri emango dizun gutunaren zai bazaude, mina... min lehor bat. Maitasunezkoa bada, egonezina... MARIO: Egonezina... kilikaren antzeko zerbait da, ezta? PABLO: Kilikak bazalakoa, bai. MARIO: Nik gaur egonezina daukat burutik oinetaraino, nire aurreneko laneguna denez... PABLO: Bihar lasaiago egongo zara. Nerudak gutunak hartu eta berehala bat aukeratzen du beste guztien artean. Mariok ezin dio jakinminari eutsi. MARIO: Nondik dator? PABLO: Sueziatik. MARIO: Eta zergatik ireki duzu beste guztiak baino lehen? PABLO: Gehien interesatzen zaidana delako. MARIO: Nola dakizu hori, ireki baino lehen? PABLO: Sueziatik datorrelako. MARIO: Eta zer du Sueziak apartekorik, neskak kenduta? PABLO: Nobel Literatur Saria, seme. MARIO: Zuri emango dizute? PABLO: Ematen badidate, ez diot muzinik egingo. MARIO: Zenbat diru da hori? PABLO: 125.000 dolar. MARIO: 125.000 dolar! Eta zer dio gutunak? Barkatu! Nerudak irakurri egiten du. MARIO:Eta? PABLO: Hummm? MARIO:Saria emango dizute? PABLO: Baliteke, baina badira nik baino aukera handiagoa dutenak. MARIO: Zergatik? PABLO: Lan ederrak idatzi dituztelako. MARIO: Eta gainontzeko gutunak? PABLO: Geroxeago irakurriko ditut. MARIO: A! PABLO: (Etenaldia). Zer darabilzu buruan orain? MARIO: Beste gutun horiek zer ote dioten. Amodiozko gutunak dira? PABLO: Gizona, ezkonduta nago. MARIO: Barkatu, Don Pablo. PABLO: Beno, tori, erosi ezazu zerbait. MARIO: Mila esker. PABLO: Gero arte. MARIO: Gero arte. Mario geldirik dago. PABLO: Zer duzu? MARIO: Don Pablo? PABLO: Hola geratu behar duzu, zirkinik egin gabe, zutabe baten moduan? MARIO: Iltzatua, lantza bat bezala? PABLO: Ez, geldirik, xakeko dorrearen gisa. MARIO: Portzelanazko katua baino lasaiago. PABLO: Beste liburu batzu idatzi ditut, "Oda Elementala"-z aparte, moteLabbe: MARIO:Liburu gehiago duzu? PABLO: Bada, bai, eta batzu hori baino hobeak. Ez da bidezkoa metafora eta konparazioen zaparrada hau jasan beharra. MARIO: Don Pablo? PABLO: Metaforak, gizona. MARIO: Zer da hori? PABLO: Gauza bat adierazteko modua, beste batekin konparatuz. Ulertzen didazu? MARIO: Emaidazu adibideren bat. PABLO: Beno, zerua negarrez dagoela esaten duzunean... zer esan nahi duzu? MARIO: Euria dela! PABLO: Beno, hori metafora bat da. MARIO: Baina hori oso gauza erreza da, horren izen konplikatua izateko. PABLO: Izenek ez dute zerikusirik gauzen erraztasun edo zailtasunekin. Zure teoriaren arabera, hegan egiten duen animal tipi bati ez dagokio tximeleta bezalako izen luzea. Pentsa ezazu "elefantea" hitzak, "tximeleta" bezainbeste letra duela, nahiz eta askoz handiagoa izan eta egan ez egin. (Etena) MARIO: Poeta izan nahiko nuke, Don Pablo! PABLO: Gizona, mundu guztia da poeta. Originalagoa da postari izaten jarraitzea. Horrela, behintzat, bizikletan ibili eta ez zara lodituko. Poeta guztioi sobratzen zaigu kiloren bat. MARIO: Baina poeta banintz, nahi dudan guztia esan nezake. PABLO: Eta zer da esan nahi duzuna? MARIO: Beno, ba hortxe dago kakoa. Poeta ez naizenez, ezin dezaket esan. (Etena). PABLO: Mutila... Agur esan eta atea itxiko dut. MARIO: Don Pablo, don Pablo! Zer egin behar da poeta izateko? PABLO: (Etena). Posta bulegorako bidean, joan zaitez poliki poliki itxas ertzetik, inguruari begira... MARIO: Eta metaforak etorriko zaizkit burura? PABLO: Baietz egingo nuke. MARIO: (Etena). Eman adibideren bat. PABLO: Entzun poema hau: Hemen, irlan itxasoa zeinen itxaso zabala. Bere baitatik irteten da uneoro, baietz dio, ezetz, ezetz, ezetz, ezetz, baietz dio, urdinez, aparrez, indarrez, ezetz dio, ezetz. Ezin du geldirik egon, itxasoa dut izena, errepikatzen du harri baten kontra joaz, konbentzitu ezinik, orduan, zazpi mingain berderekin, zazpi txakur berderenak, zazpi tigre berderenak, zazpi itxaso berderenak, harria korritu, musukatu, busti egiten du bularra kolpatuz bere izena errepikatzen. Zer deritzozu? MARIO:Arraroa. PABLO: Arraroa? Oso kritiko zorrotza zara. MARIO: Ez naiz poemaz ari. Neu sentitu naiz arraro entzuten ari nintzela. PABLO: Mario maitea, ea argi azaltzen zaren, ez daukat eta goiz osoa zurekin solasean egoterik. MARIO: Beno... Poema esaten ari zinela, hitzak hara ta hona zihoazen. PABLO: Itxasoa bezala, ba! MARIO: Horixe da, itxasoa bezala mugitzen ziren. PABLO: Hori erritmoa da. MARIO: Eta arraro sentitu naiz, hainbeste mugimendurekin, bada, zorabiatu egin naiz. PABLO: Zorabiatu egin zara! MARIO: Bai, barku baten antzera nindoan ni, zure hitzetan dardarka. PABLO: "Barku baten antzera, nire hitzetan dardarka". MARIO: Horixe bera. PABLO: Badakizu zer egin duzun? MARIO: Zer? PABLO: Metafora bat. MARIO: Ez! PABLO: Bai! MARIO: (Barrez). Baina horrek ez du meriturik, nahigabe irten zait eta. PABLO: Irudi guztiak dira ezuztekoak, seme. Mundua bera, kasualitate erraldoia da. MARIO: (Etena). Beraz, zure ustez don Pablo, mundua, mundu guztia esan nahi dut, haizea, itxasoak, arbolak, mendiak, sua, animaliak, etxeak... PABLO: Eta abar esan dezakezu orain. MARIO:... Eta abar! Zure ustez munduan den guztia zerbaiten metafora da? (Etena). Pellokeria bat galdetu dizut, ezta? PABLO: Ez, gizona, ez. MARIO: Kopeta ilundu zaizunez... PABLO: Zera, pentsatzen geratu naiz. MARIO: Galdetu dizudanaz? PABLO: Hain zuzen ere. Begira, Mario, tratu bat egingo dugu. Ni orain sukaldera noa, aspirinazko tortila bat prestatuko dut zure galderaz gogoeta egiteko eta bihar nire eritzia emango dizut. MARIO: Benetan, Don Pablo? PABLO: Benetan. Bihar arte. MARIO: Bihar arte. Ez duzu sartu behar? PABLO: Ah, ez, oraingoan zu joan arte itxoingo dut. MARIO: Bihar arte, Don Pablo. (Bidean). Bihar arte, Don Pablo. Barkatu, maisu jauna, (Liburua ateratzen du) sinatuko al zenidake? Zorroan nekarrela gogoratu naiz eta, molestia handirik ez balitz... Nerudak sinatzen du. MARIO: Mario dut izena, Mario Jimenez. Eskerrik asko maisu jauna, egun ona izan dezazula. (Joaten ari dela). Badakizu, maisu jauna? Telebistan baino askoz gazteago ematen duzu aurrez aurre. PABLO: Mila esker, Mario, oso atsegina zara. MARIO: Agur, don Pablo! Beno, agur ez, bihar arte, don Pablo! PABLO: Bihar arte, Mario! Mario badoa. III Posta bulegoa. Mario koaderno zahar batean matefora eta poemak idazten saiatzen ari da. Ez zaio ezer bururatzen. Bulegoan gora eta behera dabiLabbe: Koadernora itzultzen da. Lehenago idatzi duena irakurtzen du. Ez zaio gustatzen eta orria apurtzen du. Berriro ekiten dio. Cosme sartzen da. Korreoa saku batean dakar. COSME: Egun on. Gero eta goizago etortzen zara, Mario. MARIO: Egun on. COSME: Zertan zabiltza? MARIO: Ezertan ez. COSME: Utzidazu ikusten. MARIO: Ez da ezer… COSME: Idazten ari zara? MARIO:Ez dela ezer… COSME: Orduan, egia da. MARIO: Egia, zer? COSME: Itxasoari begira ikusi zintuztela, zure koadernoan idazten. MARIO: Ezer txarrik ba al du horrek? COSME: Ezer ez, Mario. Utzidazu ikusten! (Koadernoa harturik). Esaldi bakar bat idatzi duzu. MARIO: Bai, beno, oraintxe ezabatu behar nuen. Zer deritzozu? COSME: "Ilargia arrantzaleen linterna da." Besterik ez? MARIO: Oraingoz ez. COSME: Polita da. MARIO: Polita dela uste duzu? COSME: Bai. Zer da, izenburua? MARIO: Izenburua? Bai, baliteke. Izenburu ona da, ez duzu uste? COSME: Don Pablori erakutsi behar diozu? MARIO: Poema batzu egindakoan, zihur aski bai. Cosmek korreoa sakutik ateratzen du eta mostradorean laga. Klasifikatzen ariko da. Mariok, bitartean, bere poemarekin darrai. MARIO: Beharbada, hobe nuke ilargia eguzkiaren izpilua dela esatea, ez? COSME: Ez dakit, baliteke. Mario ez da erantzunarekin lar kontentatzen eta orria ateratzen du ostera ere. COSME: Zergatik apurtu duzu? MARIO: Ez du balio, ez dago ondo. (Etena). Zure ustez, baliteke bi olatu berdin berdinak egotea? COSME: Nola berdinak? MARIO: Bai, berdin berdinak, tamainu bera, indar bera... ertzaren puntu berera iristen direnak. COSME: Batek daki. (Etena). MARIO: Hori oso tristea litzateke. COSME: Tristea, zergatik? MARIO: Bietako bat sobera egongo litzatekeelako. COSME: Horretaz pentsatzen aritu zinen hondartzan? MARIO: Atzo ez zen bi olatu berdinik egon. COSME: (Marioren liburua hartuz). Sinatu al zizun? MARIO: Bai, baina ez du balio. COSME: Nola ez duela balio? MARIO: (Cosmeri erakutsiz) Ezin diot hau neska bati erakutsi. COSME: (Irakurriz) Hara, Mario, pozik egoteko modukoa da. MARIO: Pozik? Argi asko esan nion, ba, Mario Jimenez. Zer esan nahi du "Adeitasunez, Pablo Neruda"? Eta hau ezabatzeko eta beste bat idazteko eskatzen badiot? Lagunak garela argi adierazten duen dedikatoria bat? Adibidez: "Mario Jimenez nire lagun bihotzekoari" eta gero sinatzea? COSME: Ez zaitu ezagutzen, ordea!Zenbat aldiz joan zara korreoa ematera? Lau, bost aldiz? MARIO:Bost. COSME: Bihotzeko laguna!. MARIO: Ia ahaztu nuen Koxme, atzo, bere etxera heldu nintzenean bera kanpoan zegoen, eguzkitan, lo. COSME: Lo? Ez zenuen, ba, iratzarriko! MARIO: Ez, ez, bere ondoan eseri nintzen. COSME: Bere ondoan eseri zinela? MARIO: Bai, noiz esnatuko zai geratu nintzen, korreoa emateko. COSME: Eta zergatik ez zenuen ba, bere ondoan laga, edo atean? MARIO: Zertarako? Ez nuen batere presarik. Gainera, gutunen artean bazitekeen dokumentu garrantzitsuren bat egotea, eta ezin nuen, ba, edonon botata utzi. COSME: Beno, eta zer gertatu zen? MARIO: Ezer ez, egonaren egonez, azkenean neu ere lokartu nintzela. COSME: Lokartu zinela? ! MARIO: Bai, logalea neukan eta seko geratu nintzen. COSME: Poetaren ondoan? MARIO: Bai. COSME: Eta bera? Ez zen konturatu? Mario, esaidazu, arren, ez zela konturatu. MARIO: Beno, baietz uste dut, konturatu egin zela uste dut. COSME: Uste duzula? Ez zaude zihur? MARIO: Bai, beno, nahiko zihur nago, esnatu nintzenerako Don Pablo ez zegoelako jada nere ondoan eta nik manta bat nuen gainean. Eguzkia izkutatua zen eta nahiko giro freskoa zegoen. Orduan Don Pablo etxetik atera zen, katilu bete kafe zekarrela. COSME: Eta zer esan zizun? MARIO: Esan zidan: "Tori, on egingo dizu. Denbora luzea daramazu lo." COSME: Zenbat da denbora luzea? MARIO: Ia ordubete egon nintzen. COSME: Eta... milesker esango zenion... Barkamenik eskatu... MARIO: Bai, eta kafea azken tantaraino edan nuen, nahiz eta batere gustatu ez. Gutunak berak hartuak zituela esan zidan, ezin izan zuela itxaron. Gero joan egin nintzen.(...) Gizon jatorra da. COSME: Zalantzarik gabe jatorra behar du zu aguantatzeko! (Etena). Tori, Mario, Don Pablorentzako gutunak. Eta tori giltzak ere; itzultzen zarenerako ez naiz egongo. MARIO: Nora zoaz, nagusi? (Bitartean gutunei begiradatxo bat botatzen ari da). COSME: Langileen bilera dugu Presidentziarako hauteskundeei buruz hitz egiteko, gainean daude ta. (CUT sindikatuaren asanblada antolatzeko bilera dugu) Etorri nahi duzu? MARIO: Nor, ni? Joan al ninteke? COSME: Jakina, Mario, jakina... Mundu guztia da ongi etorria. Bueno, mundu guztia...... MARIO: Ez dakit ba... Botoa emateko aukera dudan lehen aldia da. Aurrekoetan aste batzurengatik geratu nintzen kanpoan. COSME: Eta nori eman behar zenion botoa, ahal izanez gero? MARIO: Ez dakit, Allenderi? COSME: Beno, bada, aurten egiteko aukera duzu, eta oraingoan irabazi egingo dugu. MARIO: Begira, Koxme, gaur ere denak amkumezkoak! (Gutunei buruz). Maria Conchita, emakumea; Anjela, emakumea; Jean Marie... Jean Marie zer da, gizona ala emakumea? COSME: Ea ze letra duen... Emakumea. MARIO: Banekien, zer bestela? Eta hau ere. COSME: Emakumeei ere ajola zaie politika. MARIO: Badakit, baina kontua da denak direla emakumeak. Jaso dituen gutun guztien artean, bakarren bat izan da gizon batena. Poesiagatik da. Emakumeak txoratzen dira poesiarekin. Beno Koxme, don Pblori gutunak eramatera noa! COSME: Mario... MARIO: Bai? COSME: Mario, txanoa. Mariok txanoa jarri eta joaten hasten da. MARIO: Sozialistek irabazten badute, ez dugu txanorik eraman beharko? COSME: Mario... Irtetzera doan unean Beatriz sarzten da. Mario erreakzionatu ezinik geratzen da. Beatriz Marioren ondotik pasa eta mostradorera doa. BEATRIZ: Egun on. Gutun hauek bidali nahi ditut. COSME: Ondo da, emaizkidazu. Zelan doa ostatuarena? BEATRIZ: Oso ondo, mila esker. Orain nahiko eroso gabiltz. Hasieran kostatu zitzaigun ohitzea, espero genuena baino gogorragoa izan zen. COSME: Niri ez zitzaidan hala iruditu. Ireki zenuten egunean egon nintzen eta ondo moldatzen zinetela ematen zuen. BEATRIZ… Ez zinen denbora luzez egongo, egun horretan bi baso apurtu nituen eta. COSME: (Barrez) Hori normala da. Jendeak ulertu egiten ditu horrelako gauzkak. Ziur inor ez zela haserretu, ezta zure ama ere, ezta? BEATRIZ: Nola haserretuko zen, ba, ama! Berari hiru baso apurtu zitzaizkion. Barrez lehertu ginen gauean, kontaketa egin genuenean. Inoiz beste basorik ez apurtzeko hitza eman genuen, eta gaur arte, behintzat, bete dugu agindutakoa. COSME: Hori ondo dago. Azkar ikasten ari zaretela ageri da. BEATRIZ: Nire amari esker, batik bat. Dena dauka buruan; erosi behar dena, kontuak... Nigatik balitz, ez dakit non egongo ginen orain. Kontuetarako desastre hutsa naiz. (Joaten hasten da) COSME: Egon une batez. Ez duzu igorlearen inena jarri behar? BEATRIZ: Igorlearen izena? COSME: Gutunak bidaltzen dituenaren izena. BEATRIZ: Ah, nire amarenak dira. COSME: Ondo da, zure amak ez badu ipini, hola utziko dugu. Ados? BEATRIZ: Beno, nahi baduzu, neuk ipiniko dut, ahaztu egingo zitzaion. (Mariori). Boligrafoa utziko? (Mario ez da erantzuteko gauza). MARIO: E? COSME: Tori. BEATRIZ: (Idazten du) Ondo dago horrela? COSME: Ederto. BEATRIZ: Beno, ba... Gu ostatuan egongo gara, nahi duzuenerako.... COSME: Handik pasako gara, bai. Basoak jada seguru daudenez,... BEATRIZ: Gero arte. Beatriz badoa. Marioren ondotik pasatzen da. Gixajoak tenteldurik begiratzen dio. Azkeneko unean txanoa kentzen du, ozta ozta. COSME: Mutiko, fantasma bat ikusi duzula dirudi. MARIO: Nor da? COSME: Ostatuko jabe berriaren alaba. MARIO: Jabe berria? COSME: Bai, arestian alargundu den andrea da, ez dakit bere izena. Ah, hemen dago idatzita. Rosa. Amak Rosa du izena. Senarra Domingo Gonzalez zuen. Gizon prestua, demokristianoa, baina gizon prestua. Aspaldian ferreteria bat gobernatu zuen eta beti uzten zigun dendan gure kartelak ipintzea. (Mario laino batean bezala irteten da). COSME: Nora zoaz? MARIO: Ostatura. IV Nerudaren etxeko kanpoaldea. Mario heltzen da harrapaladan. Biziketaren txirrina jotzen du behin eta berriro. MARIO: Don Pablo! Don Pablo! Neruda irteten da. MARIO: Zurekin hitz egin beharra daukat, Don Pablo. PABLO: Garrantzi handiko kontua da, antza. Arnas estuka zatoz. MARIO: Don Pablo, maiteminduta nago! PABLO: Beno, ez da gauza larria. Horrek konponbidea dauka. MARIO: Konponbidea? Ez dut konponbiderik nahi! Maiteminduta nago, Don Pablo! PABLO: Noren kontra? MARIO: Don Pablo? PABLO: Neska nor den, gizona! MARIO: Ostatuko jabe berriaren alaba. Beatriz du izena. PABLO: Hara, Dante! MARIO: Don Pablo? PABLO: Poeta bat izan zen, behin, Beatriz batekin maitemindu zena. Dante zuen izena. Beatriz guztiek maitasun eroa eragiten dute. Zertan zabiltz? MARIO:(Boligrafo batez eskuan idatzi nahi du). Poeta horren izena idazten ari naiz; Dante. PABLO: Dante Alighieri. MARIO:Ali...? PABLO: Utzidazu, neuk idatziko dizut. (Idatzi egiten du eta bide batez Mariok ere korreoa ematen dio, korreoaren artean telegrama bat). MARIO: Maiteminduta nago, Don Pablo. PABLO: Hori esana duzu. MARIO: Lagundu behar didazu! PABLO: Zaharregia naiz horretarako. MARIO: Lagundu behar didazu, ez dakit zer esan behar diodan. Nere aurrean ikusi eta mingaina korapilatzen zait. Ez zait hitz bat bera ere irteten! PABLO: Ez duzu berarekin hitz egin? MARIO: Ia ezer ez. Aurrena bulegoan ikusi dut. Bere amaren gutun batzu uztera sartu da. Ordurako maiteminduta nengoela uste dut, baina ez diot ezer esan. Geroago ostatura joan naiz, haren atzetik, eta beno, baso erdi bat eskatu eta berak serbitzatu dit. PABLO: Beatrizek. MARIO: Bai, Beatrizek. Berari begira geratu naiz eta ordurako garbi zegoen erabat maiteminduta nengoela. PABLO: Hara, hain azkar? MARIO: Ez, hain azkar ez. Hamar minutu edo geratu naiz begira. PABLO: Eta hura? MARIO: Berak esan dit: "Zeri begira hago, mozolo?" PABLO: Eta zuk? MARIO: Ez zait ezer bururatu. PABLO: Ezer ere ez? Ez diozu hitzik egin? MARIO: Tira, ezer ez, ezer ez… Bost hitz egin dizkiot. PABLO: Zeintzuk? MARIO: "Nola duzu izena?” PABLO: Eta hark? MARIO: Esan dit: "Beatriz Gonzalez". PABLO: (Etena). Zuk galdetu diozu "Nola duzu izena"?. Beno, guztira hiru hitz dira. Eta beste biak? MARIO: Beatriz Gonzalez. PABLO: Beatriz Gonzalez? MARIO: Hark "Beatriz Gonzalez" erantzun dit eta orduan nik errepikatu egin dut: "Beatriz Gonzalez". PABLO: Seme, premiazko telegrama bat ekarri didazu eta neska horri buruz hizketan jarraitzen badugu, berria eskuetan ustelduko zait. MARIO: Barkatu, Don Pablo. PABLO: Zuk, postaria zarenez, jakin beharko zenuke korrespondentzia pribatua dela. MARIO: Don Pablo, sekula ez dizut gutunik ireki! PABLO: Ez naiz horretaz ari. Nere gutunak lasai irakurtzeko eskubidea dudala esan nahi dut. MARIO: Ulertzen dut, Don Pablo. PABLO: Pozten naiz. MARIO: Gero arte, Don Pablo. PABLO: Gero arte, Mario. (Eskupekoa ematera doa). Tori. MARIO: Don Pablo, molestia handirik ez balitz, hararentzako poema bat idaztea nahiko nuke... PABLO: Mario, ezagutu ere ez dut egiten eta! Poeta batek inspiratzeko pertsona ezagutu behar du. Ezin da hutsetik ezer asmatu. MARIO: Begira, poeta, poema ziztrin batengatik hainbeste koplarekin ibiltzen bazara, ez duzu sekula Nobel Saria irabaziko. Zeu zara lagundu ahal didan bakarra. Hemen denak arrantzaleak dira eta ez dakite tutik ere esaten. PABLO: Baina arrantzale horiek ere maitemindu ziren, eta nobiari zerbait esaten asmatuko zuten. MARIO: Artaburuak, horixe besterik ez dira. Ez dakite... PABLO: Baina neskak gorteiatu eta ezkontzeko moldatu ziren. Zure aita, zer da? MARIO: Arrantzalea. PABLO: Horra hor. Noiz edo noiz zure amarekin hitz egingo zuen, berarekin eskonduko bazen. MARIO: Baina horrek ez du balio, Don Pablo. Nire ama, jaingoikoak gorde dezala, ez da inoiz Beatriz bezain polita izan. PABLO: (Etena). Mario maitea, telegrama hau irakurtzeko irrikitan nago. Zure baimenaz... MARIO: Zure etxean zaude, Don Pablo. PABLO: Eskerrik asko. (Irekitzen du) Ea ba... MARIO: Ez da Sueziakoa, ezta? PABLO: (Berean). Ez, ez. MARIO: Nobel saria emango dizutela uste al duzu? PABLO: Horretaz ez kezkatzea erabaki dut. Nahiko erreta nago nire izena urteroko zerrendetan ikusteaz, lasterketako zaldia banintz bezala. MARIO: Norena da telegrama, beraz? PABLO: Alderdi Komunistaren Batzorde Nagusiarena. (Etena). Ene jainkoa! MARIO: Berri txarrak? PABLO: Ezin txarragoak! Errepublikarako hautagaia izatea eskeini didate. MARIO: Txileko Errepublikako Presidentea. Baina, Don Pablo, hori itzela da! PABLO: Itzela da hautagaia izendatua izatea, baina, hautatuko banindute? MARIO: Horixe hautatuko zaituztena! Hemen mundu guztiak ezagutzen zaitu. Nere aitaren etxean liburu bakarra dago eta hura zurea da. PABLO: Eta horrek zer frogatzen du? MARIO: Nola zer frogatzen duen? Ba nire aitak, idazten eta irakurtzen ez dakienak, zure liburu bat baldin badu, horrek esan nahi du irabazi egingo dugula. PABLO: Dugula? San Antonion denak sozialistak zinetela uste nuen nik, ba... MARIO: Nik zuri emango dizut botoa, Don Pablo. PABLO: Milesker zure laguntzagatik. (Etena). Beno, Mario, ulertuko duzunez, orain Alderdiarekin harremanetan jarri beharra daukat, beraz utzi egin behar zaitut. MARIO: Jakina, Don Pablo. PABLO: Eta Beatriz horrentzako poemari dagokionez, ezer baino lehen ostatura joan beharko genuke zorioneko andragaia ezagutzera. MARIO: Don Pablo, txantxetan ari al zara? PABLO: Benetan ari naiz. MARIO: Harri-harri geratuko litzateke biok elkarrekin ikusita. Pablo Neruda eta Mario Jimenez elkarrekin ostatuan! Sustoak jota hilko da! PABLO: Hori tamalgarria litzateke. Poema baten ordez epitafio bat idatzi beharko genioke. MARIO: (Etena). Don Pablo, Beatrizekin eskontzen naizenean, ezteietan aitabitxi izan nahiko zenuke? PABLO: Mario, hobe dut aspirinazko beste tortila bat prestatu, hauzi biak erabakitzeko. MARIO: Hauzi biak? PABLO: Errepublikako presidentzia eta Beatriz Gonzalez. Dena den, zuk, zeure aldetik, metaforak asmatzeko ahalegina egin beharko zenuke. Ez duzu, ba, pentsatuko, Beatriz maiteminduko duzula bere izena behin eta berriro errepikatuz? Ez zaizu iruditzen? MARIO: E, jakina... PABLO: Ondo da, bihar arte. MARIO: Don Pablo? PABLO: Mario? MARIO: Metaforak? PABLO: Bai, Mario, bai! Metaforak! Off. Neruda presidentziarako hautagaia. VII Ostatua. Rosa (Beatrizen ama) mostradorearen atzean dago. Beatriz sartzen da (aretoaren barrukaldetik) ROSA: Non egon zinen bart? BEATRIZ: Pasiatzera irten nintzen. ROSA: Nora? BEATRIZ: Hortik zehar. ROSA: Garbiago hitz egin, alaba. Zure postari horrekin egon zinen, ezta? BEATRIZ: Mario du izena, eta Pablo Nerudaren laguna da. ROSA: Pablo Nerudaren laguna. Berak esan dizu? BEATRIZ: Elkarrekin egon ziren tabernan, lagunak zirela nabari zen, denbora guztian hitzegiten aritu zirelako. ROSA: Eta postaria zuri begirik kendu gabe, ezta? (Etena). Ondo, eta zer esan zizun? BEATRIZ: Ez zidan ezer esan. ROSA: Atzokoaz ari naiz. Zer esan zizun bart? BEATRIZ: (Etena). Metaforak. ROSA: Mataforak? Sekula entzun dizudan hitzik luzeena da. Eta zer metafora esan zizun? BEATRIZ: Esan zidan... nire barrea tximeleta baten moduan zabaltzen dela nire musuan. ROSA: Eta zer gehiago? BEATRIZ: Beno, hori esan zuenean nik barre egin nuen. ROSA: Eta orduan? BEATRIZ: Orduan nire barrea larrosa baten modukoa zela esan zuen, garauetan aletzen den lantza bat, eztanda egiten duen ura. Nire barrea zilarrezko bapateko olatua zela. ROSA: Eta zuk zer egin zenuen? BEATRIZ: Geldirik geratu nintzen. ROSA: Eta berak? BEATRIZ: Zer gehiago esan zidan? ROSA: Ez, neskato! Zer gehiago egin zizun! Zure postari horrek, ahoaz aparte, eskuak ere omen dituelako! BEATRIZ: Ez ninduen ikutu ere egin. Nire ondoan zoriontsua zela esan zuen, ozeano zuri baten ertzean egotea bezalakoa zela. ROSA: Eta zuk? BEATRIZ: Ni mutu geratu nintzen. ROSA: Eta berak, zer? BEATRIZ: Berak esan zidan gustora zegoela ixilik nengoenean, beste tokian banengo bezala zelako. Gero begiei begira geratu zitzaidan. Eta gero ileari, aldi luze batez, ezer esan gabe, pentsatzen arituko balitz bezala. Eta orduan esan zidan: "denbora falta zait zure ileak ospatzeko, banan bana behar ditut kontatu eta laudatu" ROSA: Nahikoa dugu! Berbarekin laztantzen hasten diren gizonak, gero urrunago iristen dira eskuekin. BEATRIZ: Eta ze kalte egin dezakete hitzek? ROSA: Ez dago hitzak baino gauza okerragaorik, alaba! Hobe tabernako mozkor batek ipurdian zirri egitea, lotsagabe batek zure irribarrea tximeleta batek baino gorago egan egiten duela esatea baino. BEATRIZ: Tximeleta baten moduan zabaltzen dela. ROSA: Bost ajola niri egan egin edo zabaltzen bada! Eta badakizu zergatik? Hitzen ostean ez dagoelako ezeRosa: Gainera, nork esaten dizu guzti hori ez diola Neruda horri kopiatu? BEATRIZ: Ez, ama. Berak begiratu eta hitzak irteten zitzaizkion ahotik txoriak bezala. Elkarrizketa entzuten den bitartean, kaletik, hurbiltzen ari den kotxe baten megafonia hotsa entzuten da. "Marxismoa geldiaraziko dugu Txileko hautagaiarekin: Jorge Alessandri. Gobernatzeko esperientzia duen gizona: Jorge Alessandri." ROSA: "Ahotik txoriak bezala". Alaba, hau oso larria da. Karramarruak baino bustiago zaude. Postari horrek hatzamarraren puntaz ikutu eta ziplo eroriko zinateke. BEATRIZ: Zintzoa da, bera. ROSA: Zintzoa. Oheratzeko kontuan berdin da poeta, errege nahiz komunista. Labbe diputadua sartzen da. BEATRIZ: (Bere amari azkeneko honen etorrera jakin araziz) Ama. ROSA: Gero jarraituko dugu. LABBE: Egun on, Doña Rosa. BEATRIZ: Diputadu jauna, ohore handia da guretzat. LABBE: Zer, zelan doa negozioa? BEATRIZ: Ondo, ezin gara kexatu. LABBE: Pozten naiz, pozten naiz. Kaixo, Beatriz. BEATRIZ: Egunon jauna. LABBE: (Oso maitekor).Zer moduz zure lan berrian? Laguntzen diozu amari? BEATRIZ: Bai. (Beatriz barrura sartzen da). LABBE: Doña Rosa, alaba maitagarria duzu, baina jakina, horren ama xarmantarekin ez da harritzekoa. ROSA: Oso atsegina zara. Baina, eseri, eseri, erosoago egongo zara ta. LABBE: Ez daukat ia astirik. Foileto batzu ari gara banatzen. Barran uztea eskertuko nizuke, bezeroek irakurri ahal izateko, badakizu. ROSA: Bai, jakina, nola ez! Badakizu nire botoa zuen aldekoa dela. LABBE: Beste guztiek gauza bera egitea falta da orain. ROSA: Hemen marxixta asko dago, Labbe jauna. LABBE: Badakit. Baina hori aldatu beharra dago. ROSA: Baina eseri, ardo gozo bat zerbitzatuko dizut. LABBE: (Esertzen da). Mila esker, Doña Rosa. Mario sartzen da. Zorroa darama aldean. ROSA: (Lehor) Zer nahi duzu? MARIO:Ezertxo ere ez! LABBE: Ah, zu Mario zara, Jose Jimenezen semea, ez da hala? Mario, Isla Negrako postaria, Nerudaren postari pribatua. Zatoz, Mario, eseri nirekin. Zatoz, ez beldurrik izan. Mario zalantzan dago baina azkenean amore ematen du. LABBE: Doña Rosa, ekarriozu beste basoerdi bat. Ala freskagarri bat nahiago? Freskagarri bat, doña Rosa. ROSA: Bai, Labbe jauna. LABBE: (Mariori), Eseri, eseri zaitez. Esertzeko esan dizut!! (Mario jezartzen da) Zer, beldurtuta? MARIO: Ez. LABBE: Badakizu nor naizen? MARIO: Mundu guztiak daki. LABBE: Mundu guztiak. Hori oso ondo dago. Ederki Mario. Poesiarekin zaletu zarela entzun dut. Pablo Nerudari konpetentzia egiten omen diozu. (Barre egiten du). (Baxu hitz eginez). Beatrizekin maitemindu zarela ere entzun dut. (Ozenki berriro). Baina ez kasurik egin jendearen esamesei, Mario. Jendea inbidiatsua da. MARIO: Bai. Rosa edariak ekarri ditu. LABBE: Eskerrik asko Rosa anderea. Neruda poeta handia da. Agian poetarik handiena. MARIO: Bai. LABBE: Baina, egia esan, ez nuen Txileko Presidentzian ikusten. Zuk zer uste duzu? MARIO:Zergatik diozu ez zenuela ikusten? LABBE: Ez al zara ba enteratu? Ez duzu irratia entzun? Ezkerreko alderdiak batu eta Salvador Allende aurkeztu dute hautagai bakartzat. MARIO:Eta Don Pablo? LABBE: Ez dakit. Bere liburuetara itzuliko dela suposatzen dut. Denontzat hobe. Poesia eta Politika ez datoz bat, Mario. Poesiak kalte egingo lioke politikari, eta politikak beti izorratzen du poesia. Kontutan hartu. Beno, Mario, berandu egin zait. (Bere basoa edan eta altzatzen da). Onartuidazu hau. (Boligrafo bat). Opari bat da, zure poemak idazteko. Ea, hartu. MARIO: (Hartzen du). Eskerrik asko, Labbe Jauna. LABBE: Doña Rosa. ROSA: Ez, ez mesedez, konbidatuta zaude. LABBE: Doña Rosa, ez baduzu nire dirua onartzen ez naiz berriro bueltatuko. (Ordaindu eta badoa). ROSA: Eskerrik asko Labbe jauna. Gero arte. Mila esker zure bisitagatik. Labbe desagertzen denean, Rosa Mario dagoen mahaira doa. Baso biak hartzen ditu, Mariok berea amaitu ez duen arren. Barrara eramaten ditu. Ixiltasuna. MARIO: Oso polita da lokal hau. ROSA: Ez dizut iritzia galdetu. MARIO: (Berriz ekiten dio). Korrespondentzia mordoa batu zaio Nerudari, Pablori. Nik aldean eramaten dut, ez galtzeko. Liburu batzu ere daramatzat, berak erregalatutakoak, Pablok. (Ez dago zereginik). Beno, hobe izango dut joatea, joan beharra daukat! ROSA: Bai, hobe duzu. MARIO: Agur! ROSA: Boligrafoa ahaztu zaizu! MARIO: E? ROSA: Boligrafoa ahatu zaizula! Mario mahaira itzultzen da. Ez daki hartu ala ez. Azkenean hartzen du. Badoa. VIII Posta bulegoa. Mario eta Beatriz sartzen dira. Estu ta larri dabiltza, badakite ez luketeela egon beharko dauden tokian eta ez luketeela egin beharko egiteko irrikitan daudena. Beatriz poliki dabil bulegotik, kuxkuseatzen, objetu guztiak ikutzen. Mario begira dago. Beatrizek Marioren txanoa aurkitu eta ipintzen du. Barre egiten dute biek. Mostradore gainean uzten du. Mario atzetik hurbiltzen zaio. Beatrizen ilea laztantzen du. MARIO: "Zure ahoaren gosez nago, zure bozarena, zure ilearena, eta kale kantoietatik noa, baraurik, ixilik, ez nau ogiak sostengatzen, egunsentiak erotzen nau, egunez zure oinen soinu likidoaren bila nabiLabbe: Zure barre irristatuaren gosez nago zure eskuena..." Nerudaren poema ahazten zaio. Baina Beatriz ohartu gabe,papera ateratzea lortzen du eta irakurtzen jarraitzen du. “... zure eskuena, ganbara ankerraren kolorekoak, zure azazkalen harri zurbilaren gosez nago, almendra ikutu gabeko zure azala jango nuke. Zure edertasunean erretako trumoia jan nahi dut.” Beatrizek buelta erdia eman eta Marioren eskua musukatzen du. Honek papera ezkutatzea lortu du. BEATRIZ: Jarraitu, Mario, ez gelditu. MARIOk inprobisatu beharra du. MARIO: Zure eskuak jango nituzke, bi esku ikaragarri direlako! Eta zure begiak ere bai, bi begi ikaragarri direlako, hau eta hau, biak! Mariok ez daki nola jarraitu. Beatrizi mun egiten dio. Telefono hotsa. Biak asaldatzen dira. Mariok ez daki zer egin, baina ixiltzen ez denez hartzea erabakitzen du. MARIO: Esan? (Mario zurbil geratzen da). Hemen ez dago zure alaba, Doña Rosa. Badakit berandu dela, Doña Rosa. Ni? Ni... lanean nago. Baina...nik...zera ...doña...doña... (Eskegi egin du. Etena). BEATRIZ: Hobe dut joatea. MARIO: Egon apur batean. (Etena). BEATRIZ: Nire ama eskupeta batekin azaltzeko gauza da. (Etena). Agur. (Etena). MARIO: Agur. (Etena). BEATRIZ: Agur. Beatriz badoa. Mario bakarrik geratzen da. Txanoa hartu, laztandu, usaindu eta ipintzen du. Norbait datoRosa: Berak Beatriz dela uste du. Pozten da. Txanoa kentzen du. Cosme sartzen da, makila batez armaturik. COSME: Mario! Zertan ari zara hemen hain berandu? MARIO: Nik zera...kontua da, ba...eta zu? Zertara etorri zara zu? COSME: Bulegoan norbait zebilela esan didate. MARIO: Bai, beno, nire koadernoaren bila etorri naiz. COSME: Zure koadernoa? (Etena) . MARIO: Beatrizekin etorri naiz, baina ez da ezer gertatu. Joan egin da jada. Barkatu. Lehenengo aldia izan da. Ez da berriro gertatuko. COSME: Hara, sekulako beldurra pasa dut. Hasieran lapurrak zirelakoan da nengoen. Baina hona nentorrela bulegoa erretzeko asmoz etorritako faszista talde batekin topo egingo nukeela otu zait. Hauteskundeetarako astebete baino falta ez denez... (Etena). MARIO: Etxera joatekotan nengoen. COSME: Badakizu, Mario? Nik ere nobia bat izan nuen zure adinean, Dolores zuen izena. MARIO: Eta zer gertatu zen? COSME: Ezer ez. Santiagora joan eta soldadu batekin ezkondu zen. MARIO: Lastima. COSME: Orain lodia eta itsusia dela pentsatuz kontsolatzen naiz. MARIO: Beatriz ez da inoiz itsusia izango. (Etena). COSME: Mario, giltzak. Mariok eman egiten dizkio. Badoaz. OFF: Allendek hauteskundeak irabazten ditu. IX Nerudaren etxeko kanpoaldea. Neruda Txileko bandera altzatzen ari da, lehen urdina zegoen tokian. Oso pozik dago. Mario heltzen da, pozik bera ere. MARIO: Irabazi dugu, Don Pablo, irabazi dugu! Besarkatu egiten dira. PABLO: Herri honetan arnasa hartzea dago, jada! MARIO: Cosmek bere bizitzako unerik pozgarriena izan dela dio. (Etena). Nik nahiago nukeen zure alde botoa ematea. PABLO: Allenderi botoa emanez, niri eman didazu. MARIO: Don Pablo, zera jakin nahiko nuke, zera... Zergatik erretiratu zinen, Don Pablo? PABLO: Oso erreza da. Erretiratu izan ez banintz, honezkero Alessandri genuke presidente. Gure alderdiaren asmo bakarra ezkerraren batasunarentzako hautagai bakarra lortzea zen, eta ageri denez, lortu egin dugu. (Etena). Baina ezin dizut ukatu, Mario maitea, une batean presidente izateko ideiarekin liluratu nintzela. Nire kandidaturak, ustekabean, indar hartu zuen. Neu ere harritu nintzen. Nire mitinetara gero eta jende gehiago zetorren, gero eta emakume gehiago, Mario. Ez dut sekula ahaztuko mitinetara hurbiltzen zitzaizkidan gizon eta emakume horiek guztiak. Ez dut inoiz ahaztuko, minutu batez, behintzat, esperantzaren irudia izan nintzela eurentzat. MARIO: Nolakoa da Allende, Don Pablo? PABLO: Beno, ausarta eta nekaezina dela esango nuke. Eta sinistuidazu, kualitate bi horiek ezinbestekoak dira gure Errepublika kutun hau gobernatzeko; errepublika harro, menderaezin eta pobretu hau. MARIO: Zergatik diozu hori? PABLO: Kontuak hola daudelako, Mario. Allendek oso erronka zaila dauka, eta gainera barruko eta kanpoko etsaiak hortzak zorrozten hasiak dira edozein aldaketa galerazteko. (Etena) Dena den, pozik egoteko moduan gaude. Txilen biolentziarik gabeko iraultza nagusitu da; Txileko erara. MARIO: Ni ere pozten naiz dena ondo irten delako, ze nik ere hasieran beldurra nuen, uste nuelako presidente hautatu ezkero ez... ez zintudala berriro ikusiko, telebistan ez bazen. Pozten nau zu hemen berriz ikusteak. PABLO: Neu ere pozten naiz, Mario. MARIO: Botila bat ekarri dut, ospatzeko. PABLO: Ideia bikaina. Basoen bila noa. Banderaren azpian egingo dugu topa. NERUDA etxean sartzen da. Labbe sartzen da. LABBE: Egun on. Orain zihur nago hau Nerudaren etxea dela. Jakina, hemen dago eta haren postaria. Zer moduz Mario? Mario, kolore txarra daukazu, zurbil zaude, eta betilun. Zer duzu? Ah, maitasuna, maitasuna! Zeinen goxo eta kilikagarriak diren maite dugunari eskeintzen dizkiogun lorik gabeko ordu luzeak! Neruda irteten da. PABLO: Labbe diputadu jauna. LABBE: Egun on, Don Pablo. Zorionak ematera etorri naiz. Demokraziaren legea hala da. Galtzen jakin behar da. Galtzaileak agur egiten dio irabazleari. PABLO: Mila esker zure bisitagatik. Har zazu tragu bat gurekin. LABBE: Ez, eskerrik asko, barkatu baina ardoak, goizean, kalte egiten dit. Beraz, hau da Pablo Nerudaren etxe ospetxua. Inspiratzeko leku aproposa. Zorte ona izan duzu, oso atsegina dirudi. PABLO: Ados nago. LABBE: (Banderagatik) Oso abertzalea zarela ikusten dut. Zera uste nuen, sorterritik, denbora luzez, urrun egon direnak, azkenean erlatibizatu egiten dutela sorterrirako maitasuna, batez ere zu bezala India, Espainia edo Sobiet Batasuna bezalako tokietan bizi izan direnak. PABLO: Bidaiari estatikoa izan naiz beti. Ez naiz sekula Txiletik joan. LABBE: Pozten nau hori entzuteak. Beno, orain banoa. Ez dizuet enbarazorik egin nahi. Nerudari eskua ematen dio. PABLO: Etorri nahi duzunean. LABBE: Etorriko naiz, mila esker. Zure ustez, zenbat denbora iraungo du Allendek boterean, Don Pablo? PABLO: Ez dakit, esaidazu zeuk. LABBE: Urtebetetik ez dela pasako egingo nuke. Baina agian oker nabil. PABLO: Urtebetean gauza asko egin daitezke. LABBE: Egia, egia. Jaunak. PABLO: Labbe jauna. Labbe badoa. PABLO: Labbek gogorik ez badu ere, guk ez dugu zertan ez edan, ez duzu uste, Mario? MARIO: (Irribarrez) Jakina, jakina. PABLO: Viva Txile, Mario! MARIO: Viva Txile, don Pablo! (Edan egiten dute) PABLO: Beno, eta orain Santiagotik ekarritako opari berezi berezi bat erakusteko une aproposa da. Postarien himno ofiziala da. Etxera sartzen da. Beatlesen "Wait a minute , Mr Postman" entzuten da. Neruda irten eta dantzan hasten da. Pixkanaka pixkanaka Mariok bere lotsa gainditu eta dantzan hasten da bera ere. Norbait hurbiltzen ari dela nabaritzean Mario gelditu egiten da. Larritu egiten da. Nerudari esan eta etxean izkutatzen da. Doña Rosa iristen da. Musika isildu egiten da. ROSA: Egun on, Don Pablo. PABLO: Zure esanetara, andrea. ROSA: Rosa nauzu, Gonzalezen alarguna, San Antonioko ostatuko jabea. Ezer baino lehen argi utzi nahi dizut demokristianoa naizela, ez diodala Allenderi botoa eman eta ez nizula zuri ere emango. Zurekin Txiletar eta ama naizen aldetik hitz egin nahi dut, Mario Jimenez delako bati buruz. PABLO: Oso ondo, doña Rosa, zer moduz hementxe bertan hitzegiten badugu? Giro ederra dago. ROSA: Ondo dago. PABLO: Eseri nahi duzu? ROSA: Esan behar dudana larriegia da, eserita esateko. PABLO: Zer da ba? ROSA: Aste batzuk dira Mario Jimenez hori nire ostatuaren inguruan dabilela. Morroi hori nire alabarekin ausartu da. Alabak hamazazpi urte besterik ez du. PABLO: Zer esan dio? ROSA: Metaforak. (Etena). PABLO: Eta? ROSA: Bada, metafora horiek, Don Pablo, nere alaba estufa bat baino beroago jarri dutela. Postari horrek, oinetako behatzen arteko pelotillak beste ondasunik ez duenak, erabat suntsitu du nere Beatriz gaixoa. Baina oinak ustelduta baditu ere, ahoa berriz, letxuga bat baino freskoagoa. Eta larriena, Don Pablo, zera da, nere alaba liluratzeko erabiltzen dituen metaforak zuri kopiatu dizkizula. PABLO: Ez! ROSA: Entzun duzun bezala. Tximeletaren irribarrearekin hasi zen.Baina laster zion ba esan bere bularrak sumendiak zirela? PABLO: Eta erabilitako irudia, zure ustez zer zen, ikusmenezkoa ala ukimenezkoa? ROSA: Ukimenezkoa. Nire alabari etxetik irtetea galarazi diot Jimenez hori baretu arte, gauzak gehiagi okertu baino lehen. Gogorra irudituko zaizu nere erabakia, baina begira, begira zera aurkitu nuen alabaren bularretan ximurturik. Tori. Irakurri. (Papera ematen dio). PABLO: "Biluzik, zure eskuetako bat bezain laino zara, lehun, lurtar, xoil, borobil, gardena, ilargiren lerroak dituzu, sagarren bideak, biluzik gari biluztua bezain mehea zara. Biluzik urdina zara, Kubako zeruaren antzera, adatsean huntsak dituzu eta izarrak biluzik handia zara, eta horia, uda zara urrezko eliza batean. Biluzik zure azazkal bat bezain tikia zara borobil, leun, arrosa; egunsentian munduaren lurazpian gordetzen zaren arte... Rosak poema kentzen dio. ROSA: Mario horri nire alaba pakean uzteko exijitzea erregutzen dizut. Zuri jaramon egingo dizu. Eta pakean uzten ez badu, esaiozu nik neuk begiak atera eta itxasora botako ditudala! Ez dakukat esateko besterik. PABLO: Mandatua beteko dudala agintzen dizut, Doña Rosa. ROSA: Milesker bada. (Joatekotan dago). PABLO: Baina beranduegi ote den susmoa daukat. ROSA: Zer esan nahi duzu? PABLO: Beno... azkenaldi honetan Mario zurbil xamar ikusten dut eta... ROSA: Eta? PABLO: Poema hori... ROSA: Zer esan nahi duzu? PABLO: Beno... poema hori idazteko... ROSA: Esan nahi duzu eurak dagoeneko... PABLO: Beharbada oker nabil. ROSA: Hori izugarria litzateke. Eta gainera... agian behin baino gehiagotan...! PABLO: Batek daki! ROSA: Jainko maitea! Ni izan naiz ba tuntuna! Lehenengo egunetik debekatu behar nion ba, irtetea! Ez dakit zer duten gaurko gazteek. Don Pablo, barkatu eragozpenak. PABLO: Ez da eragozpenik batere egon, doña Rosa. ROSA: Abiatu beharra daukat. PABLO: Nahi duzu laguntzea? ROSA: Ez, mila esker. Nahiago dut bakarrik joan. PABLO: Ulertzen dut. ROSA: Agur. PABLO: Agur, doña Rosa. Rosa badoa. Mario irteten da. PABLO: Arrazoi nuen, irina zaku bat baino zurbilago zaude. MARIO: Zu erabat jota zaude, Don Pablo. PABLO: Lagundu besterik ez nuen nahi, Mario, eta lortu dudalakoan nago. MARIO: Lagundu? Baina nik ez dut inoiz... esan nahi dut nik Beatrizekin ez dudala sekula... PABLO: Nahikoa da berak hala pentsatzea. Eta utziozu kexatzeari; nigatik ezbalitz, aurki bastoi txuria eta txakur beltz batekin egongo zinen kartak banatzen. MARIO: Eta zer izango da nitaz orain? PABLO: Oraingoz itxaron egingo dugu. Ah, ahaztu baino lehen, nire liburu pare bat erregalatu dizkizut, baina horrek ez dizu plagiatzeko eskubiderik ematen. Matilderi idatzi nion poema eskeini diozu Beatrizi. MARIO: Poesia ez da idazten duenarena, erabiltzen duenarena baizik. PABLO: Pozten nau horren esaldi demokratikoa entzuteak, seme. Baina ez dezagun demokrazia urrunegi eraman, bestela familia barruan nor den aita eta nor den semea ere botoen bidez erabaki beharko dugu egunen batean. (Etena). Eta orain, edan dezagun ekarri duzun ardo hori. MARIO: Viva Txile don Pablo! PABLO: Viva Txile eta viva Beatriz,Mario! Etxe barrura sartzen dira. X Ostatua. Gauez. Kanpoaldetik itzaltzen ari den festa baten burrundaia iristen zaigu. Komuneko bonbaren hotsa entzuten da. Cosme irteten da, kremailera ixten ari dela. Polito edanda dago. Barrara doa, bere koparen bila. Edatera doanean, kopa hutsik dagoela konturatzen da. COSME: (Barraren gainean dagoen birginari) Hara, tantarik ez. Ez al du, ba, berorrek edan? Berori ez du holakorik egiten, ezta? (Kanpora doa, baina gelditu eta atzera egiten du) A, birgina anderea! Berori birgina delako, dudarik gabe. "Birgina Zurbila" deitzeko itxura du berorrek. (Etena). Zera eskatu nahiko nioke... molestia handirik ez bada, alegia... ba egun pozgarri honetan, ba... ezerrez... Badakit Dolores ez dela itzuliko... baina behintzat, lantzean behin, bera nirekin gogoratzea nahiko nuke, ni berarekin gogoratzen naizen era berean... Ni gogoratzen naizenaren erdia gogoratzearekin nahikoa dut... Herenarekin ere konformatzen naiz. Zoriontsua izan dadila, soldadu horrek ondo trata dezala, berak merezi duen moduan. (Badoa baina ostera ere itzultzen da) Beno, eta niri erregalitxo bat eroriko balitzait... Dolores bezain polita ez bada ere. Ez naiz oso estua, zera normal batekin konformatzen naiz... Beatriz sartzen da, nobiaz jantzirik. BEATRIZ: Zertan zabiltz, Don Cosme? Noiztik ajola zaizu, baDA, erlijioa? COSME: E? O, ez, ez... zera, orain arte ez naiz irudi horretan erreparatu, eta beno, badakit artea baloratzen. Ah! Beatriz, herrian sekula egon den andregairik politena. BEATRIZ: Ez zaitez esajeratua izan, Don Cosme. (Barrara doa). COSME: Bene benetan ari naiz, neskato. Mariok sekulako pagotsa du. Oso bikote ederra osatzen duzue, bai jauna. Zu liluragarria zara eta Mario... nola esango nizuke... ez da asko ikasitako jauntxo horietako bat, badakit... baina... oso sanoa da, zintzoa... nola esango nizuke... herrikoa. Mutil jatorra. BEATRIZ: Hala da, bai. COSME: Horixe ba! BEATRIZ: Edateko zerbait aterako dut. Koparik nahi? COSME: Gustora asko, gainera. Nahi duzu laguntzea? BEATRIZ: Ez da beharrezkoa. Neuk aterako ditut. COSME: Ederto. Mario eta zu oso zoriontsuak izango zarete, zihur naiz. Horixe baietz. Lehenengo egunean bertan konturatu nintzen bata bestearentzat eginak zeundetela. BEATRIZ: Eta nola jakin zenuen? COSME: Nola jakin nuen? Beno, ni bezalako agure batek gauza hauetaz ulertzen du. BEATRIZ: Zu ez zara agurea, Don Cosme. COSME: Mila esker, horixe entzun behar nuen. Ea, festara noa ostera ere. BEATRIZ: Orain arte. Ondo pasatzen ari al zara? COSME: Neskato, aspaldi aspalditik ez nuen hain ondo pasatzen. Hauteskunde eguna kenduta, jakina. BEATRIZ: (Barre eginez) Jakina. Cosme badoa. Beatrizek bandeja batean kopa batzu ipintzen ditu. Rosa sartzen da, oso dotore jantzita. Neka neka eginda dago. ROSA: Niri buruatu behar, ba, gaur zapata berriak estreinatzea! Inork ez al du etxera joateko asmorik? Eseri eta zapatak kentzen ditu. BEATRIZ: Ez dira asko geratzen. ROSA: San Antonio guztia esna mantentzeko adina bai. Ez nuen uste horren berandu joko zuenik. Musika kendu beharko genuke. BEATRIZ: Bolumena jeitsi dugu, ez du jada molestatzen. Gainera Cosme zurekin dantzatzeko irrikitan dago. ROSA: Horixe besterik ez zitzaidan falta. Zatoz hona, Beatriz. (Beatriz hurbiltzen zaio). ROSA: Utzidazu begiratzen. Egun osoan handik hona ibili naiz, mundu guztia gustora egon zedin, eta ez dizut zuri ia begirik jarri. Hau da hau! BEATRIZ: Ba nik ondo erreparatu dizut. Oso polita zaude. Denetan dotoreena. ROSA: Benetan? Ez dakit nola moldatu zaren hain lasai egoteko, neska. Zure aitarekin ezkondu nintzenean.... baso bete ur baino ez nuen hartzerik izan. Irribarrea fortzatuz eman nuen egun osoa... Ondorengo hiru egunetan aurpegiko minez egon nintzen. Aste bi pasatu izan balira bezela gogoratzen naiz. Eta begira, hogeita bi urte pasa dira. BEATRIZ: Dena ondo irtengo da, ikusiko duzu. ROSA: Hain gaztea zara.. (Etena). BEATRIZ: Zergatik ez zoaz ohera, ama? Moldatu egingo gara. ROSA: Zure aitak beti esaten zuen etxe batek gizon bat behar duela. Baina gu ederto konpondu gara biok bakarrik, ezta? BEATRIZ: (Etena). Bai, ama, bai. Mario senargaia eta Cosme sartzen dira. Barran uzten dituzten baso eta katilu erabiliak dakartzate. Mario barran dauden kopak betetzen ditu. Cosmek bat hartzen du. MARIO:Ez dut ia egun osoan don Pablorekin hitz egiterik izan. Ez diote pakean uzten. Orain Don Justo ari da; San Antonioko historia oso osorik kontatu nahi ez dio, ba! Zer gertatzen da? BEATRIZ: Ezer ez, nekatuta gaude. Mariok kopa bana ematen die. ROSA: Mila esker, Jimenez jauna. A ze goxoa den bezero izatea. On egingo dizu praktikatzen hastea, azkarrago ikasiko duzu. COSME: Aizu, Mario, eta zure aita zergatik joan da, ba, hain goiz? MARIO: Arrantzan irten behar zuen. COSME: Lanbide gogorra, bai jauna. Nere partetik, berriz, bi astebeteko oporraldia duzu; eta bileretara joatetik ere libre utziko zaitudala uste dut; lankide batek esaten zuenez, "ezin daiteke aldi berean txoria kaiolan eta burua aberrian eduki". Barkaidazu, doña Rosa. ROSA: Ezin daiteke burua txoriz josita eduki, eta aberria kaiola batean. COSME: Korrosiboa zara, doña Rosa. ROSA: Ama naiz, besterik ez, don Cosme. COSME: Orain amaginarreba ere. ROSA: Ez zait ahaztu. COSME: Ah, doña Rosa, herrian sekula ikusi den amatxirik ederrena izan zara! Baina ez dizut barkatuko nirekin behin ere dantzatu ez izana. ROSA: Oinetako mina nuen, sinistuidazu. COSME: Hara, oraintxe bertan nirekin dantzatzeko eskatu behar nizun, ba. ROSA: Eserita izan beharko du. Denok egiten dute barre. Cosmek aulki bat hartu eta Rosaren ondoan esertzen da. COSME: Ondo da, bada. Hasi gaitezen. Barreak. Cosmek Rosaren kopaz jabetzen da. COSME: Doña Rosa, Allendek kobrea nazionalizatzeko asmoa du, zer deritzozu? ROSA: Ez dut uste ausartuko denik. COSME: Don Pablori entzun diozu. Onartezina da Txileko ondasunik handiena Estatu Batuetako enpresa bakan batzuen artean partitzea. ROSA: Eta zure ustez, amerikanoek kexarik gabe itzuliko dute, behin euren diruz ordaindu zutena? MARIO:Prezio kaskarra ordaindu zuten. BEATRIZ: Berriro politikaz aritzea bai dela kaskarra. Ea, denak kanpora, denak dantzara... NERUDA sartzen da. MARIO: Don Pablo. PABLO: Agur esatera etorri naiz. COSME: Bazoaz... hain goiz? ROSA: Gauza bera egin beharko genuke denok. MARIO: Don Pablo, azkena hartu behar duzu. PABLO: Berandu da, Mario. Gainera bihar goiz jeiki beharko dut. MARIO:Larunbata da ta. Egizu jai. PABLO: Ezinezkoa zait... Santiagora noa. MARIO: Santiagora? (Etena). PABLO: Allendek Parisen Enbaxadore izendatu nau. Mario, baliteke bolada batean ez itzultzea; bolada luze batean. Eta hala ez balitz ere, denbora luzeegia izango da zuengandik urrun, neure etxe eta Isla Negrako ondartzatik urrun. Mario zurbil geratzen da. COSME: (Tentsioa apurtu nahiean) Parisen enbaxadore! Hori, handia da, gero! PABLO: Bihar Santiagora eta datorren astean Parisera abiatuko naiz. ROSA: Txori aseak beste habia nahi. COSME: Honek tragu bat merezi du, ezta? ROSA: Negozioa porrot eginda utzi nahi didazu, don Cosme? PABLO: Mario. (Hurbiltzen zaio). Mario, ez dizut lehenago esan... uste nuelako... Festa ederra izan da... Pozten nau zure ezkontzako aitabitxia izanak. MARIO: Nire bizitzako egunik zoriontsuena izan da. PABLO: Gogoan duzu Labbe jaunari esan niona? Bidaiari estatikoa nintzela? MARIO:Bai, gogoan dut. PABLO: Egia zen. Heme izango naiz beti, zuekin, itxasoaren ondoan. Nahiko banu ere, ezingo nuke nire lurra utzi, aldean daramat edonora; nire burukoa da, bera gabe ezingo nuke ohe arrotz batean lorik egin. Tori, Mario. Hauxe da nire agur oparia. Poeta eta lagun min batek eskuz idatzitako poemak dira. Aspaldian hil zen Espainian. Faszistek kartzelan sartu eta hilabete gutxira hil zen. Miguel Hernandez zuen izena. Poema zoragarriak idazten zituen artzaia zen. Zuk gordetzea nahi dut. Zaindu itzazu. MARIO: Mila esker, don Pablo. PABLO: Eta hau... (Grabadora bat ateratzen du). Hau grabagailu bat da. Mesede bat eskatu nahi dizut. Joan zaitez honekin Isla Negrako bazterretatik eta jaso itzazu soinu eta zarata guztiak. Horien premia bizia izango dudalakoan nago. Bidali nere etxeko soinuak ere. Graba itzazu olatuak, itxasoa, kaioak, eta izarren ixiltasuna entzunez gero, grabazazu ere. Paris ederra da, baina oso handia geratzen zaidan soinekoa da. MARIO: Orduan zergatik zoaz? PABLO: Mario... COSME: Mario, don Pablo da Txilek Europan izan zezakeen enbaxadorerik onena. ren itzala handituko da. Allendek badaki zertan dabilen. Gainera, zu lehen ere han bizi izan zara, ezta? PABLO: Hala da, bai. Mario, eskatutakoa egingo duzu? MARIO: Jakina, don Pablo. PABLO: Idatziko dizut. Lasai egon. Frantzian enbaxadore izatea gauza berria da, eta ez oso erosoa niretzat. Baina erronka bat da. Mundu guztia dago hemen gertatzen denari so. Gogor lan egin beharko dut Txilen gertatzen ari diren eta gertatuko diren aldaketak azaltzeko. Oso harro beteko dut lan hori. Nerudak denei agur esaten die. PABLO: Doña Rosa. ROSA: Don Pablo. (Musu ematen diote elkarri). PABLO: Beatriz, San Antonioko gatz eta piperra. Ez negarrik egin, umea. BEATRIZ: Ez nago negarrez. (Musu ematen diote elkarri). PABLO: Konpañero, Cosme. COSME: Kamarada, Don Pablo. Nahi baduzu lagunduko dizut. PABLO: Mila esker. COSME: Ziur naiz gure iraultza defendatzen jakingo duzula, Don Pablo. Mundu guztiak jakin behar du n sozialismoa bide demokratikotik nagusitu dela. Irten baino lehen Mario besarkatzen du. PABLO: Mario, laguna. Neruda eta Cosme badoaz. ROSA: Ederto hasi gara. Herri honetan postari bat sobera dago. MARIO:Nola? ROSA: Lanik gabe geratu zara, motel. XI Mario Nerudaren etxera sartzen da. Aspaldi utzia dagoela antzematen da. Altzairuak maindirez estalita daude. Mariok fardel bat darama. Eseri egiten da, Grabadorea atera eta grabatzen hasten da. MARIO: Probatzen, probatzen, bat, bi, bat bi. (Ondo dagoela ziurtatzen du). Orain zure etxean nago, Don Pablo. Gauza bat ematera etorri naiz. Familia osoa agertzen den fotografia da, hondartzan, zu baino ez zara falta. Ez dauka garrantzi handirik, baina beno... Markoa ipini diogu. Hemen utziko dizut, bueltatzen zarenerako. Gu ondo gabiltza. Ostatuan oporretako kanpamendu bat jarri da. Langileentzat da. Nik orain sukaldean egiten du lan, Beatrizek ezin du eta. Astean behin karta pare bat banatzen diet oporretan ari direnenei. Allendek kobrea nazionalizatu zuen azkenean, arrazoi zenuen, Don Pablo. Parisen zurekin egon nahiko nuke, don Pablo. Grabazioa bidali beharrean neuk emango nizuke, zer deritzozu? Hortik dena elurtuta egongo da, ezta? Nik sekula santan ez dut elur malutaxo bat ere ikusi. Zineman bai, jakina. Parisen zaudenetik Frantziari buruzko gauza asko irakurri dut. Orain badakit nortzu diren Danton, Robespierre, Belmondo... eta Brigitte Bardot; Eta Aznavour, Silvie Vartan eta Adanoren diskak erosi ditut. Dena gutunak banatzen lortzen dudan diruarekin erosi dut, ostatuan irabazten duguna Doña Rosak gobernatzen baitu, badakizu. Frantsesa ikasteko liburu bat ere lortu dut, ezagutuko duzu agian, Bonjuor Paris du izena. Datorren astean bigarren kapitulora iristea espero dut. (Etena). A, ahaztuta nengoen. Gaur goizean Santiagoko lehiaketa batera bidali dut poema bat. Zuretzat idazti nuen poema da, zure Odatan inspiraturik, eta izena du: "Oda Nerudaren gaineko elurrari, Parisen". Ez zitzaidan izenburu motzagorik bururatu. Cosmek makinaz pasatu zidan eta berak dioenez, itxuran behintzat ez dit inork irabaziko. Irabazleari 50.000 eskudo emango diote. (Etena). Irakurri egingo dizut. Pausu ezkutuko lagun malgoa zeruetako esne oparoa, nire eskolako amantal garbia, erretratu ximur batekin ostatuz ostatu dabiltzan ibiltari ixilen maindirea, Dontzeila arin eta plurala, milaka usoen hegoa, ezezagunari agur egiten dion zapia. Arren, ene ederra, erori zaitez goxo Pablo Nerudaren gainean Parisen, jantzi zazu galaiz zure almirante jantzi zuriaz, bihurtu zaitez beluntzi garden eta ekarriguzu portu honetaraino, haren hutsuneak min egiten digu eta. Beno, hau izan da poema. Bestaldean eskatutako soinu gehiago grabatu dizkizut. Mariok aldea aldatu eta grabatutakoa entzuten du. Bitartean etxeko objetuak agerian uzten hasiko da. Grabazioa: "Bat: Haizea Isla Negrako kapai dorrean. Bi: Kanpaiak Isla Negrako kanpai dorrean. Hiru: Olatuak haitzartean. Lau: Kaioen kanta. "Ea, ea, kanta ezazue poetarentzat!" Bost: Erlauntzia. Sei: Marea behera. Zazpi: Don Pablo Neftalí Jimenez Gonzalez. (Haurraren negarra). Kanpoaldetik norbaitek harri bat jaurtitzen du. Lehio bateko kristala apurtzen du. XII Ostatua. Rosa lurra garbitzen ari da. Mario sartzen da. ROSA: Nondik zatoz, jakiterik badago? MARIO: ETalboraino joan behar izan dugu, kamioi bat deskargatzera. Piketeak edonon agertu omen daitezke. ROSA: A. Hobe zenuke etxean laguntzea. MARIO: Ez al dut, bada, laguntzen? Goiz osoa daramat lanean; hola jarritu ezkero, greba madarikatu horrek huts egin eta dena bere onera itzuliko da. Eta orduan zuk ere eskertuko didazu, doña Rosa. ROSA: Baliteke, baina hemen lurra oraindik zikin dago. MARIO:Ez zegoen jaboirik. ROSA: Horrek ez dizu eskobatzea galerazten. (Sukalderantz doa) MARIO: Eta haurra? Non dago? ROSA: Lo. MARIO: Eta Beatriz? ROSA: Erostera joan da. Beno, erostera.... Ez dakit zer erosiko duen, ez da ezer geratzen eta. Eta dena Allenderen buru gogorragatik. MARIO:Ez da bere errua. ROSA: (Idazki bat ematen dio). Tori, irakurri. MARIO: Zer da? ROSA: Egia da hori. Irakurri, ea. MARIO: Non eman dizute hau? ROSA: Plazan, Labbe jaunari entzuten egon naiz. Zeuri ere komeniko litzaizuke entzutea. MARIO: Labbe jauna, Labbe jauna... Hauteskundeak aspaldi bukatu ziren! ROSA: Eta zer nahi duzu, ba? Horrela beste lau urte jarraitzea? MARIO: Horrelakoa da demokrazia. Gainera, badakaizu zergatik ari diren horrela? Parlamenturako hauteskundeak ere geuk irabaziko ditugula dakitelako. ROSA: Bai... Rosa sukaldera doa. Mariok abadagunea aprobetxatzen du grabatzen jarraitzeko. MARIO: Entzun, Don Pablo. Gaur zera eduki dut buruan egun osoan: Nobel saria eman zizutenean herrian antolatu genuen festa. Ez dakit inoiz kontatu dizudan jatekoa nola lortu genuen: antxumea Domingo Guzmanek lortu zuen, harakin sozialista bati erosi zion, nahiko prezio zentzuzkoan. "Merkatu grisa", Cosmek esan zuenez. (Barre egiten du). Ikusi behar zenituen, Don Pablo. Ford 40.ean iritsi ziren, dena zinta eta ko plastikozko banderinez beterik. Aurrekaldean Cosme eta Domingo zetozen eta atzean antxumea eta Yamaha. Yamaha zera da, bateria bat, Domingok arratsalde osoan kupida gabe makilatzen egon zena. Eta ikusi behar zenuen Doña Rosak antxumea ikusi zuenean jarri zuen aurpegia! zure aurrean belaunikatzen zela esan zuen, Don Pablo, baina hala ere, kazerola gogor astintzen jarraituko zuela komunistak gobernutik irten arte. Politikari baino poeta hobeak zaretela esan zuen. (...) Zure hitzaldia grabatu nuela esan nizula uste dut, oso ondo grabatu zen, nahiz eta telebistaren aurrean 80 pertsona baino gehiago egon, zeuk hitz egin zenuenean inork ez bait zuen tintik ere esan. Oso polita izan zen zera esan zenuenean: "pazientzia sutua beharko dugu gizon guztiei argia, justizia eta duintasuna eskeiniko dion hiri emankorra erdiesteko. Lortu ezkero, poesiaren kantua ez zen alferrikakoa izango". Denak txaloka hasi ziren. Hitzaldi liluragarria izan zen, poeta jauna. Oso dotote zeunden frakez jantzita. Rosa itzultzen da kuboa, fregona eta zapi batekin. Mariok grabazioa eteten du berriro ere. ROSA: Berriro grabatzen? Mario, nire alabarekin ezkontzeko baimena eman nizunean etxera gizon bat zetorrela uste nuen, ez grabagailu bati pegatutako txontxongilo bat. Ah, bide batez, ez duzu ondo begiratu, antza, jaboia kuboan zegoen. (Erratza ematen dio). Lehenago erratza pasa. (Grabadora hartu eta barrara darama. Grabatazen du). Barkatu, don Pablo, baina molestia handirik ez bada, Mariok lan apur bat egin behar du. MARIO: Zergatik egin duzu hori? Mariok eskobatzen du Rosak zapiarekin barra eta inguruko objetuak garbitzen dituen bitartean. Barra gainean uzten ditu. MARIO: Hotzitu naizela uste dut. ROSA: Bai... MARIO: Alergia izan liteke. ROSA: Alergia. MARIO: Badakizu, Don Pablo ere ez omen dago oso ondo.... bere gutunean esan zidan. Parisen hotz izugarria omen dago... ROSA: Eta zergatik ez da itzultzen? Don Pablo gustorago dago Parisen, langosta jaten. Ustekabean Rosak lurrera botatzen du grabadora, beste objetuek bultzaturik. Mariok eskobatzeari uzten dio. Grabadora azkar jaso eta mahaira darama probatzera. Rosak penaturik ikusten du. MARIO: Ez dabil! Beatriz eta Labbe sartzen dira. Labbek emakumearen boltsak dakartza. LABBE: ... Sinesten ez badidazu frogatu beharko dizut. (Barre egiten dute). Beatrizek kopeta iluntzen du zerbait gertatu dela ikustean. BEATRIZ: Zer gertatu da? MARIO (Jeloskor): Ezer ez. ROSA: Istripu bat izan da. Grabagailua lurrera erori da. BEATRIZ: Ez dabil? MARIO: Ez. ROSA (Labberi boltsak hartuz): Mila esker nire alabari laguntzeagatik, Labbe jauna. LABBE: Atsegin handia izan da. Gauza batzu lortu dizkizuet. Uste dut ondo etorriko zaizkizuela. Mario altzatu era Labberi aurre egiten dio. MARIO: Ez dugu ezer nahi zugandik! ROSA: Mario! MARIO:Zu ez zaitez sartu, Doña Rosa. BEATRIZ: Baina Mario... MARIO: Beatriz! LABBE: Neurritik irteten ari zarela uste dut, Mario. MARIO: Alde hemendik eta eraman itzazu gezur guzti horiek! (Idazkia botatzen dio, Labbek hartzen du). LABBE: Gezurra al da amildegira goazela? Gezurra ote da merkatu eta denda guztiak hutsik daudela? Galdeiozu zure emazteari zer den merkatuan lortu duen bakarra: patatak eta patatak, besterik ez. Eta zopa egiteko barazki ale apurrak. Non dira Ezkerraren Batasunak agindu zizkizuen ehundaka udatiar horiek? MARIO: Etorri egin ziren. LABBE: Eta zergatik ez dira berriro etorri? BEATRIZ: Hori egia da, Mario. LABBE: Hemen dio: "Sobietar gaixoek baino gose handiagoa sufritzen du ko populu heroikoak". Ez al da egia? MARIO: Zeuen erruagatik da. Zuk zeuk komertzioaren beste greba baten buru izateko mehatxua egin zenuen. Garraioaren grebarekin nahikoa ez bagenu bezela! Produkzioa saboteatzen ari zarete, zeuen biltegietan jakiak pilatzen ari zarete. LABBE: Hori gezurra da!! Hori, iruzurra besterik ez da. Nork sartu dizkizu gauza horiek buruan, Mario? Zeuen hitzetan, krisialdia "prozesu sozial eta politikoen kontraesanengatik" suertatzen omen dira. Anarkista bihurtu al zara, Mario? MARIO: Alde hemendik, Labbe. Utzi bakean! LABBE: Ondo da. Andereak... ROSA: Labbe jauna... LABBE: Ez barkamenik eskatu, Doña Rosa, hemen ez da ezer gertatu. (Badoa). ROSA: Zoratuta zaude? Gure hondamendia nahi duzu, ala? Mariok ez du entzuten. Grabagailua dagoen mahaira doa. ROSA: Beatriz. Esaiozu zerbait! BEATRIZ: Utziozu, ama. MARIO:Ez dabil. Apurtu egin da. Apurtu egin da... Rosa tabernatik irteten da. BEATRIZ: Nora zoaz? ROSA: Labbe jaunari barkamena eskatzera. Beranduegi ez al da izango! Mario eta Beatriz bakarrik geratzen dira. BEATRIZ: Mario, gauza horiek gure semearentzat behar genituen. MARIO: Neuk lortuko ditut. BEATRIZ: Non, baina? MARIO: Nonbait! BEATRIZ: Gauzak ez dira horren errezak. MARIO: Badakit. (Etena). Ikusiko duzu dena nola konpontzen den. Labbe jaunak ez daki ezer, Beatriz. Allendek irabazi zuenean urtebete baino ez zuela iraungo esan zuen eta bi urte pasa dira dagoeneko. Badakizu Allende zintzoa dela. Haur bakoitzari egunero esne litro erdia banatzeko agindua eman zuenean ez zen inor kexatu. Edo etxeko andreak besteak bezalako langileak lez tratatzeko esan zuenean. BEATRIZ: Dena aldatzen ari da, Mario. Allendek kasu gehiago egin beharko lieke beste alderdiei. MARIO: Zertarako? Atzera egiteko? BEATRIZ: Besterik ez bada, lasaiago bizitzeko. MARIO: Lasaiago... Hauteskundeak errespetatuko balituzte, orduan bai, orduan lasaiago egongo ginateke. Isiltasuna. MARIO: Gaur Don Pablok Matilderi, bere emazteari, idatzi zion poema bat irakurri dut. Liburutik kopiatu dut behin eta berriro, ikasteko. (Ateratzen du). Egia esan, zuretzat izatea nahiko nukeen, eta neronek idatzitakoa. Baina nik ez dut sekula horren gauza politak esaten jakingo, inoiz ez. "Matilderentzako Sonetoa" du izena. Irakurtzazu, arren. Zuretzat izatea nahiko nuke; dena den, Don Pabloren hitzekin ere ezinezkoa da zenbat maite zaitudan azaltzea. BEATRIZ: Maite zaitut ta ez zaitut maite bizitzak alde bi dituelako isiltasunaren hegoa da hitza suaren bestaldea, izotzezkoa. Maitatzen hasteko maite zaitut infinitoan berriz sartzeko betikoz maitatzeko, horregatik ez zaitut oraindik maite. Maite zaitut, baina ez; aldiberean pozaren giltza banu bezala, eta halako patu zorigabea. Bizitza bi daude ene maitasunean. Maite ez zaitudanean maite zaitut, eta maite zaitudanean maite zaitut. Poema bukatzean, besarkatu egingo dira, Cosmeren sarrerak geldiaraziko duena. COSME: Mario! Mario! Don Pablo bueltan dator! MARIO: Zer? COSME: Irratiaz esan berri dute. Don Pablo itzuliko da. MARIO: Don Pablo dator! Baina noiz? COSME: Hilaren bukaeran. Hilaren bukaeran itzuliko omen da. MARIO: Hile honen bukaeran? COSME: Baietz, ba! MARIO: Ezer esan al dute bere gaixotasunaz? COSME: Ez, ez dute ezer esan. Baliteke sendaturik egotea. Txarto egotera, ez litzateke itzultzeko gauza izango, ez duzu uste? MARIO: Don Pablo dator, Beatriz! Don Pablo dator! Mariok Cosme besarkatzen du. Gero Beatriz. Ondoren Off-a entzungo da. Boza. Santiago. Komando faszista batek Arturo Araya Peters, Allende Presidentearen Itxas Armadako Edecana, hil du. Atentatua Edecanaren etxean bertan gertatu zen. Une honetan, Allende Presidentea krimenaren tokira doa, bere gobernuko zenbait kiderekin batera. Langileen Zentral Bakarrak dei egin dio Txileko langilego guztiari euren lanpostuetan alarma egoeran egotera bestelako agindurik jaso arte. XIII Posta bulegoa. Cosme gutunak klasifikatzen. Mario sartzen da. COSME: Mario. MARIO: Gutun hau itzultzera natoRosa: Hartzailea ez da jada San Antonion bizi. COSME: Ondo da. Bidali dizkiozu Don Pablori gutunak? MARIO: (Triste). Bai, baina gaur ere ez dut ikusterik izan.Matildek ez du inork molestatzea nahi. COSME: Ulertzekoa da, Mario. Poetak atsedena behar du. Pazientzia behar duzu.Ikusiko duzu. laster bere onera itzuliko da dena. MARIO: Ez dakit, ba; ez dakit, ba. COSME: Oraindik ez dakite zer duen? MARIO: Matildek ez dit ezer esan, behintzat. Baina zerbait larria ote den susmoa daukat. COSME: Etzazula holakorik pentsatu, Mario. Zihurrenik oraindino ez dakite zer duen. Normala da bere adinean ajeak izatea. Neuk ere baditut. MARIO: Bai... COSME: Entzun, Mario, bihar edo etzi Matildek pasatzen utziko bazintu, galdegiozu Don Pablori egoera nola ikusten duen, gertatzen ari dena, berak ondo jakingo du eta. MARIO:Sufritzen ari da, ziur; gainera, gaixorik egonda... Cosmek egunkari bat erakusten dio. COSME: Irakurri al duzu hau? Begira zer dioen miliko zantar honek. MARIO:Noiztik hasi zara erreakkzionarioen egunkaria erosten? COSME: Ez dut erosten, utzi egin didate. Entzun. "Mailik goreneko betebeharrak burutu behar dituzten gizonen hautaketa ezin daiteke masa ezjakin, biziatsu eta interes amankomunaren zentzurik gabekoen eskutan laga... Demokrazia mitoa eta aberrazioa da, eta ziur aski, jasaten ari garen arazo politikoaren iturria" Eta aurrerago dio: "Asmo politiko salbatzaile hau aurrera eramateko bazter batean utzi behar ditugu Alderdiak, hauteskundeetako maskarada, propaganda gezurti eta pozoitsua... Eta aukeratutako militar talde bati anarkia politikoarekin bukatzeko lana eman" (Etena). Zer deritzozu? MARIO: Cosme? COSME: Ez da maitasun poema bat. Hau gero eta itxusiago dago, ezta, ez dugu lasaitasuna galdu behar, Mario. Martxoko hauteskundeak berriro ere irabazi genituenetik, gure hondamendia bilatzen ari dira. COSME: Badakit, badakit. Baina herriak geldiaraziko dituela dakit ere. Herri batuak sekulako indarra du, Mario. COSME: I.A.-k ez multinazionalek ez gaituzte akabatuko. MARIO: Zer diote besteek? Zer eritzi dute hau guztiaz? Badirudi Allendek ezin dituela militarrak kontrolatu. COSME: Batzuen ustez, benetako estatu kolpe baterako prestatu beharko genuke. Tanketazoarena abisu bat besterik ez omen zen izan. MARIO: Eta zuk zer uste duzu? COSME: Militarrik gehienak demokraziaren alde daude. Ez dugu hori ahaztu behaRosa: Konfidantza mantendu behar dugu. Tanketazoaren egunean militar asko irten zen Konstituzioa defenditzera, ez Prats bakarrik. Han egon ziren Sepulveda, Pickering eta Pinochet ere. MARIO: Baina gauzak ez dira konpondu. Nork kontrolatzen ditu farbriketara soldaduak hiltzera sartzen diren soldaduak? Gogoratu Lanera Austral-en gertatu zena! COSME: Entzun, Mario, kasurik txarrenean... ko langileak militar leialen alde aterako dira... Eta denek ezagutzen dute gure indarra... MARIO: Ezkerra gero eta bananduago dago, ordea. Gainera, Prats komandanteak dimititu egingo omen du. COSME: Nork esan dizu hori? Jendea urduri dagoenean, tontakeriak baino ez ditu estaen. Etena. Mariok berarentzako gutun handi bat dagoela ikusten du. MARIO: Niretzat da? COSME: A, bai. Sinisten ez baduzu ere, azkenean zure lehengusu Gustabok agindu zizun aldizkari hori heldu da. MARIO: Aldizkaria. COSME: Bai. Pozik zaude, ezta? MARIO: Nire aitari emango diot. COSME: Hollywoodeko aktorezarik ederrenak. Estatu Batuetako blokeoa jasaten ari garen urteotan handik etorritako gauzarik atseginena dela uste dut. (...) Mario, alaitu kopeta hori! Don Pablorengatik kezkatuta zaude, ezta? Tira, dena bere onera itzuliko da. Konturatu orduko, poeta sendatuko da, eta berarekin nahi adina hitz egin ahal izango duzu. (...) Zer deritzozu? Sendatzen denean halako ekitaldi bat antolatu genezake: berak bere poemak errezitatuko lituzke, eta zuk zeureak. MARIO: A ze gauzak dituzun, Cosme. COSME: Ideia bikaina da, gainera lagunen gogoa alaitzeko modurik egokiena litzateke. "San Antonioko "Ezker Batasuna"-k antolaturiko ekitaldi politiko -kulturala. Errezitatuko dute: Pabalo Nerudak eta Mario Jimenezek" Zer deritzozu? MARIO: Baina nola irakurriko dut, ba, nik, Don Pablorekin batera... COSME: Don Pablok pozik onartuko du, batez ere zure poesia gero eta ikusiko lukeelako, gero eta militanteagoa, berea bezala. MARIO: Ez dago konparatzerik... Don Pablo.... Don Pablo poeta da. COSME: COSME: Eta zeu ere. Asko gustatzen zaizkit zure poemak. Martxoko garaipena ospatu genuenean irakurri zenituenak zureak dira, ezta? MARIO: Bai. COSME: Bada, oso politak ziren, denek esan zuten. MARIO: Baina ez, ezin daiteke konparatu, Cosme. Don Pablok bakarrik beharko luke. Nik ez. COSME: Beno, baina ideia ona iruditzen zaizu, ala ez? MARIO: Aurrena sendatu beharko luke. COSME: Sendatu egingo da, Mario. MARIO: Ea egia den… Joan beharra daukat. Gero arte. COSME: Gero arte. Mario irten hasten da. COSME: A, Mario, ez dakit nork esan dizun, baina Pratsek ez du uko egingo. Eta egitekotan, Allendek beti izango du Pinochet alboan. XIV Ostatua. Mariok eskena gurutzatzen du, kaleko ateruntz. BEATRIZ: Ez zaitez joan, Mario! MARIO: Joan egin behar dut, Beatriz, joan egin behar dut. BEATRIZ: Itxaron ilundu arte, sikeran. Orduan errezagoa izango da. Mario, jende asko atxilotu dute eta hildakoren bat ere omen dago. MARIO: Ezin dut itxaron, baliteke beranduegi izatea, Don Pablo hiltzen ari da! BEATRIZ: Orain ez zara iritsiko inork ikusi gabe. Soldaduz josita dago dena. Bide guztiak moztuta daude. MARIO: Bere korreoa eramatera noa, besterik ez. BEATRIZ: Ez zaituzte pasatzen uztiko! Atxilotu egingo zaituzte! Hemen denok gara ezagunak, Mario. Denek dakite Ezker Batasunaren alde lan egin duzula, bileretara joan zarela... Ez al zara konturatzen? MARIO:(...) Ordu bete barru bueltan izango naiz. Nere hitza duzu. BEATRIZ: Entzun Mario, gogoratu zure semeaz. Mario, ez nazazu utzi, beldurrez nago. MARIO: Gera zaitez amarekin. Ni nere lana betetzera noa, besterik ez. Ateari joka hasten dira. Ez dira muagitzen. Rosa barrukaldetik sartzen da. (Off) Mario! Mario! Neu naiz, Cosme. Ireki, nau naiz, Cosme. Mariok zabaltzen du. Cosme sartzen da. MARIO:Ze berri dago? COSME: Gauza handirik ez. Prats komandanteak golpistei aurre egin omen die, baina baliteke zurrumurru bat besterik ez izatea. Egia esan, uste baino militar traidore gehiago dago. Mementuz agindua zera da: Alderdiaren identifikatzen gaituen edozertaz libratzea. Den dena erre behar dugu. Ulertu didazu? MARIO: Bai. COSME: Lasai egon behar dugu, ez dago besterik egiterik. Antolatu beharko ginateke, ze arraio, hori litzateke geure indarra, baina militarrak azkarregi heldu dira. Horrela ez dago erantzuterik. BEATRIZ: Zer gertatuko da militarrek nahi dutena lortzen badute? COSME: Orduan hemendik ospa egiteaz pentsatzen hasi beharko genuke. MARIO: Aldegitea? Nora? COSME: Txiletik irten beharko genuke. MARIO: Zergatik diozu hori? Ni ez naiz inora joango. ROSA: Esajeratzen ari zarela uste dut, Don Cosme. COSME: Zuhurra izan beharra daukat, Doña Rosa, ez naiz jada mutiko bat. Mariok nahi duena egin dezake. Desagertu beharko genuke, gauzak nondik doazen ikusi arte itxaron eta ahal izan ezkero, iztuli. Ez dakit militarrek zer egiteko asmoa duten. Agian demokristianoei poterea eman besterik ez dute nahi, ez dakit, baina badaezpada, ni ez nintzateke hemen ikusten MARIO: Emaizkidazu bulegoko giltzak, Cosme. COSME: Zer diozu, ba? Txoratuta zaude? Nora joan nahi duzu? BEATRIZ: Cosmek arrazoi du, Mario. Prestatzen hasi beharko genuke, ezkutatu beharra suertatzen bada ere. MARIO: Zeuk ere aldegin nahi duzu? Zuei ez dizuete ezer egingo, ezta, Cosme? COSME: Ez dakit. MARIO: Nola ez dakizula? ROSA: Horrek ez du zentzurik. Zer dela eta egin beharko ziguten guri kalterik? BEATRIZ: Ama, zuk zeuk esan duzu, ba, jende mordoa atxilotzen ari direla, fusilamenduak direla... Zer dakizu horretaz, Don Cosme? COSME: Ez dago Santiagon edo Valparaison gertatzen ari dena jakiterik. Egia da San Antonion tiro hotsak entzun direla portu aldean, baina ez dakit besterik. Jendea oso urduri dago. MARIO: Aidera jaurtikitako tiroak izan litezke, bildurtzeko. ROSA: Edo baliteke eroren batek soldaduei aurre egitea.Gobernuak armak banatu omen zituen fabriketan, beraz normala da soldaduek edozeini apuntatzea. BEATRIZ: Hemen denek dakite armarik ez dagoela, ama. COSME: Allendek ez zuen holakorik egin, ez zuen inoiz onartu jendeak armak lortzerik. Hori matxinatzeko erabili duten aitzakia besterik ez da izan. Hobe genuke defenditzeko modurik bagenu. Gure aitzindariek edozein estatu kolperi aurre egiteko prest geundela zioten, baina benetako orduan, ez da modurik egon. Inozo hutsak izan gara. Allende gaixoa... Berak agindu lez, herriaren mandatua azken unerarte bete du. MARIO: Dena susmatzekoa zen. Emaizkidazu giltzak, Cosme. Presidenteak nork bere lanpostuan jaraitu behar zuela ez al zuen ba esan? Bertara joan, Don Pablorentzako korreoa hartu eta eraman egingo diot. BEATRIZ: Mario, oso arriskutsua da, ez joan, mesedez. Rosa atera doa. BEATRIZ: Eta zuk zer egin nahi duzu, ama? ROSA: Taberna irekitzera noa. Ez dezatela pentsa ezer izkutatzen dugunik. Lasai jokatzen badugu ez digute ezer egingo, gutariko inori ez. MARIO: Giltzak, Cosme. Ordubete baino lehenago itzuliko naiz, Beatriz. Itzultzen naizenean denetaz pentsatuko dugu, hitz ematen dizut. Ez da ezer gertatuko, ikusiko duzu. Dena konponduko da. COSME: Tori. (Giltzak ematen dizkio). Eta nitaz galdetzen badizute, esaiezu ez dakizula ezer, ez nauzula ikusi, ados? Mario badoa. COSME: Andereak, anka egitera noa. COSME badoa. XV Nerudaren etxeko kanpoaldea. Neruda etzanda dago aulki edo hamaka batean. Mario sartzen da etxearen barrukaldetik. MARIO: Don Pablo. PABLO: Mario, nola moldatu zara hona iristeko? MARIO: Itzuli handia eginez etorri naiz, hondartzatik. Bestaldetik sartu naiz, Matilderen laguntzarekin. Lehiotik ikusi nau. Poeta... PABLO: Eta soldaduak? MARIO: Etxea inguratuta daukate, hesi bat ereiki dute. Kamioi bat dago ere. Baina ez naute ikusi. PABLO: Gehiegi arriskatzen ari zara, Mario. MARIO: Etorri beharra nuen, Don Pablo. PABLO: Ondo da, Mario, pozten nau zu ikusteak. MARIO: Zertan ari zara hemen, kanpoan? PABLO: Harnasa hartu beharra nuen. Haizeak besarka nazan nahi dut, bere kantua xuxurla diezadan. MARIO: Baina hozkirria dago, eta zu... PABLO: Entzun ze errima ederra! Haizearen hotza erlatiboa da! Sentituko bazenu hezur barruak astintzen dizkidan haize izoztua! Azken uneko haiztoa zorrotza da, mutiko. MARIO: Medikuari hots egiteko esango diot Matilderi, nahi baduzu. PABLO: Ez daukat jada medikuaren beharrik, seme, hobe lukete zuzenean lurperatzaileari deitzea. MARIO: Ez esan horrelakorik, Don Pablo. PABLO: Lurperatzaile lanbide ona da, Mario. Filosofia ikasten da. Hamlet bere espekulazioetan nahasturik dagoen unean lurperatzailea da aholku ematen diona: "Bilazazu andre mardula eta ahaztu tontakeria horiek!" MARIO: Don Pablo, zurea larria da, benetan? PABLO: Hara, sukar honekin arraina sartaginean bezala sentitzen naiz. Shakespearerekin hasi garenez, Mercuriok "Romeo eta Julietan" bezela erantzungo dizut, Tybaldoren ezpata sartuta lurrera erorita dagoenean: "Zauria ez da putzu bat bezain sakona, ezta elizaren atea bezain zabala, baina nahikoa da. Galde zazu nitaz bihar eta ikusiko duzu nola nagoen lehor lehorra." Nerudak altzatu nahi du. MARIO: Mesedez, ez zaitez altzatu, poeta. PABLO: Lagunduidazu, itsas ertzeraino iritsi nahi dut. MARIO: Matilderi deitu beharko genioke, Don Pablo... PABLO: Zure zelestinoa eta ezkontzako aitabitxia naiz. Nire lumaren izerdiarekin irabazitako titulo horien izenean agintzen dizut itxas ertzeraino joaten laguntzeko. MARIO: Baina zu ez zaude ondo, Don Pablo. PABLO: Bai zera, hiltzear nago. Hortaz aparte ezer larririk ez. Ea, eraman nazazu itxasoraino, itxasoa ikusi nahi dut eta. Edo hori ere eraman egin dute, bada? Hori ere kaiolan sartu didate? MARIO: Ez, Don Pablo, itsasoa bertan dirau. PABLO: Ikusi egin nahi dut. Hondartzarantz doaz. MARIO: Kiskaltzen zaude, don Pablo. PABLO: Esaidazu metaforaren bat lasai hiltzeko, mutiko. MARIO: Ez zait metaforarik okurritzen, poeta. PABLO: Mario, eta lehiaketa horretara aurkeztu zenuen poema? MARIO: Ez nuen irabazi. PABLO: Lastima... Poema ederra zen. MARIO: Don Pablo, entzun zazu ondo esan behar dizudana. PABLO: Entzuten ari naiz, seme. MARIO: Beno, hogei telegrama baino gehiago iritsi zaizkizu. Ez ditut ekarri kontrolak daudelako, eta kentzeko bildur nintzelako. Beno... orduan... barkatuko didazu egin dudana, baina ez zegoen beste erremediorik. PABLO: Zer egin duzu? MARIO: Telegrama guztiak irakurri eta buruz ikasi ditut, zuri esan ahal izateko. PABLO: Nondik datoz? MARIO: Toki askotatik. Sueziakoarekin hasiko naiz? PABLO: Aurrera. MARIO: "Mina eta haserrea Allende Presidentearen hilketa. Gobernu eta herriak asiloa eskeini Pablo Neruda Poetari, Suezia." PABLO: Beste bat. MARIO: "Mexikok Neruda eta familiari abioia eskeini hona laster etortzeko" Neruda erori egiten da. Mariok eusten dio. MARIO: Ez zaitez hil, poeta. (Aulkira eramaten du). PABLO: Zure semea ez ezagutzeko pena daukat. MARIO: Bere fotografia daukat. (Ateratzen du). PABLO: Eta zeren zai zaude? Erakutsidazu. (Ikusten du). Oso guapoa da, amaren ezpalekoa. Etxera hurbiltzen diren motor hotsak entzuten dira. Militarrak dira. PABLO: Zer da zarata hori? Mario ikustera doa eta Nerudarengana itzultzen da. PABLO: Zer gertatzen da? MARIO:Ez da ezer, Don Pablo. Zergatik ez goaz barrura? PABLO: Ez gezurrik esan, mutiko. MARIO: (Etena). Soldadu gehiago datoz. PABLO: Zoaz, Mario, arriskuan zaude. MARIO: Don Pablo, beste telegrama bat dago. PABLO: Utziozu, Mario, joan egin behar duzu. (Berriro ere erortzen da). MARIO:Don Pablo! PABLO: Joan! Ni ere banoa, banoa liburutik, liburuetatik. Bidai honetatik eta beste guztietatik ere. Lungari, Lantano eta Parralen nire zai daude, ibai ondoetan, herrixketan, zine eta eskoletan, laranjak bezain txikiak diren eskoletan. Ez daukat presarik. Toki guztietara iritsi nintzen. Ibiltzen joango naiz, txistuka. Udaberriaz edo beltzez jantzita, euri egiten joango naiz toki guztietara, kantatzen. Gorrotoari nire zaldi ferrak emango dizkiot, nire marinel alkondara, nire ibiltari zapatak, nire arotz bihotza, eginten jakin nuena, sufritzen lagundu zidana, gogor nahiz garbia, hautsezina nahiz emigrantea; Munduak jakin dezan basoa eta ura dutenak egurra moztu eta nabigatu dezaketela, joan daitezkeela, eta itzuli, sufritu dezaketela eta maitatu, eduki dezaketela, eta lan egin, izan eta jarraitu, loratu eta hil, ilunak edo izan, belarririk gabekoak izan, nahigabeak jasan, lore baten zain egon... Agur, lagun maitea, lagun maitea.... Nola duzu izena? MARIO: Don Pablo, Don Pablo, neu naiz, Mario. PABLO: Mario, Maria Jimenez, ene laguna... Sirena eta militarren ibilgailuen hotsak. Soldaduak hurbiltzen entzuten dira. Zarata gero eta ozenagoa da, argia ilunduz doan heinean, erabateko iluntasunerarte. Epilogoa Urte batzu geroago. Itxaron gela bat. Idaz makinaren hotsa entzuten da. Beatriz eserita dago. Rosa sartzen da, eta bere alabaren ondoan eseri. Aspalditik ate bati begira daudela antzematen da. ROSA: Ez da inor atera oraindik? BEATRIZ: Ez. ROSA: Eta ez da atea ezerterako zabaldu? Ez dut ulertzen zergatik ez diguten jaramonik egiten. BEATRIZ: Hobe genuke bihar etortzea. ROSA: Nazkatuta nauka luzamendutan ibiltze honek. Lehengo astean egun bi egon ginen zain, eta astelehenean gaur etortzeko esan ziguten. Ez dago hola tratatzeko eskubiderik! Ezagutuko ez ba gintu bezala! BEATRIZ: Lanpeturik dago, antza. Denak daude lanpeturik. ROSA: Idazkariari berriro nortzu garen esan behar diogu. Baliteke okerren bat egotea, nahaste bat... BEATRIZ: Ondotxo dakite nortzu garen, eta Mariori buruz galdetzera etorri garela. ROSA: Hainbeste denbora daramagunez, agian joan egin garela pentsatzen dute. Atean joko dut hemen gaudela jakin dezaten. BEATRIZ: Utziozu, ama. ROSA: Orduan, zer egingo dugu? BEATRIZ: Itxaron. Itxaroten jarraitu. ROSA: Itxaroten jarraitu. Rosak bere alaba besarkatzen du. Eserita jarraitzen dute. Andre baten ahotsa: "...Mario Jimenezen kasuari buruz, tamalez, inolako berririk ez dagoela jakin arazten dizuegu. Poliziak berretsi digu ez dela inon ageri Mario Jimenez jaunaren atxiloketarik, ez 1973 urteko irailan ez eta geroago ere. Poliziak darabilen hipotesia zera da, Mario Jimenezek Txiletik aldegin zuela sare klandestino bat erabiliz. Ziur aski, gaur egun Cuba edo Sobiet Batasunaren inguruko nazio batean bizi da. Bestaldetik, Labbe Jaunak bere dolumina adierazi nahi dizue Pablo Neruda poeta eta lagun urkoaren heriotza dela eta. Maria Adelaida Arteaga, Alfredo Labberen idazkaria.