id
int64
1
702
question
stringlengths
0
1.68k
answer
stringlengths
47
2.04k
401
Sagastiko hiru sagarrondo (tomate sagarrak hain zuzen ere) ihartzen ari dira. Orain arte osasuntsu eta emankor egon dira ta oain bapatean ihartzen ari direla konturatu gara. Zerengatik izan daiteke ta nola sendatu ditzazkegu? Eskerrik asko.
Itxura guztien arabera lepoko gaitza da, Phytophtora generoko onddoren bat, Gipuzkoan jeneralean Phytophtora cactorum izaten da. Lur hezeetan, drenaje zailekoetan ugaltzen da. Mentuoinek erresistentzia maila desberdina dute onddoaren erasoarekiko: MM106 asko sufritzen du; M26 eta makatzak sentikortasun ertaina dute; M7 eta M9-k sentikortasun txikia dute. Arazoa larritzen da, baita ere, txertua lurraren mailan baldin badago, hortik eraso baidezake onddoak. Ezinezkoa da tratatzea. Sagarrondoaren lepo aldean orbain gorri-marroiak ikusten hasi ordurako, inguruko lurra kendu, eta aireratu, horrek hezetasuna kentzen dio. Kontuz zauriak egitearekin, belarra moztean, adibidez. Xehetasun gehiagorako ikusi: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/sagarrondoak/-/lepo-usteldura
402
Egun on Jakoba, duela urtebete fruta-arbola nanoak alda nituen, paraguaiondo, udareondo, brinoiondo, gereziondo... Kontua da fruta ematen hasiak direla, baina txikitxoak bai iaz zein aurten. Ni ohiko neurrikoak izango zituztelakoan nengoen, hala esan baitzidaten, baina hauek dagoeneko jateko moduan daude bere txikian. Aurrerantzean ere fruta txikitxoak emango ote dituzte, ala handitzen joango dira urteak pasa ahala? Esker aunitz!
Argazkian ikusten denez, arbolaren eta fruituen arteko proportziorik ez dago. Hosto gutxi eta fruitu asko. Nire iritziz nahitaez janari gehiago behar du arbolak. Ongarri organikoa eman erruz. Hostaje mardulagoa beharko du izan hainbeste fruitu ekartzea nahi baduzu. Hori horrela bada ere lehen urteetan fruitu guztiak ez utzi. Fruitu koxkorrak ikusi ordurako aleak bakandu. Utzi lehenengo arbolari bere egitura egiten. Gero emango du. Baina hartzeko zeuk ere eman berari.
403
Tomate landareei kentzen zaizkie txupoi Eta hostoak onak dirá kendu Eta Gero surtoinean botatzea?
Kendutako kimu horiek gero intsektizida eder bat egiteko erabili daitezke. Beraz onena lehortu eta jasotzea. Bestela landarearen oinetara botatzea ere ez dago gaizki.
404
Zergatik legortzen zaizkit babarrun landareak sustraitk. Aurten bigarren urtea ia da.
Bi arrazoi izan daitezke: edo ongarri gehiegi eta lepo alde hori ahuldu egiten da, edo zerbaitek jaten du lurraren azal alde horretan. Nire ustez zerbaitek azala janaren antza du. Luhartza edo satagina izan daiteke. Hala ere horietako bat balitz seguruenera erabat lepoa moztuko lioke. Hain axaleko zauriak izateko, ez dira bada bare txikiak izango? Bada ezpada gauez, ilunpean linterna batekin ondo miatu inguruko lurra kenduta. Baina, era guztietara, kontuz ongarria ematearekin, babarrunak ez du ongarririk behar. Ahulago hazten da. Ongarria berak sortzen du. Eta ongarri gutxiagorekin indar gehiagorekin etortzen da.
405
Egun on. Gereziondoa noiz podatu daiteke? batzuei entzun izan diet abuztu aldera eta beste batzuei azaro aldera. Argitzerik bai? Mila esker!
Neguan egindako zauriak ezin itxi izaten ditu gereziondoak. Inausketa izerdia duenean egin behar da. Bi inausketa sasoi bereizi ditzakegu: martxoa aldera, izerdia abiatua dagoenean, eta udaberrian, ekaina aldera.
406
Kaixo Jakoba! Kalabazinak behin alea emanda usteltzen ari zaizkigu. Zer dela ta? Eskerrikasko.
Bi arrazoi ikusten ditut hori gertatzeko. Batetik lurra ukitzen duela txikia denean, azala zaildu gabe duenean, hortik usteldu daiteke. Bestetik txikia delarik ere gertatzen da maiz ez dela behar bezala polinizatu, eta lorearen atzean dagoen kuiatxoa galdu egiten da heldu gabe.Lehenengorako azpian lastoa, belarra edo zerbait jarri, bigarrengorako eskuz polinizatzea gomendatzen da, lore arra hartu eta erdian duen hisiputxoa, lore emean (atzean kuiatxoa duena) igurtzi.
407
Egurrezko kupelean sagardoa egiteko asmoa dut datorren udazkenean. Lehen ere egin izan dut: kupel pare bat erosi bigarren eskukoak Oionen, ardotan ibilitakoak, eta bertan egin sagrdoa. Baina hauetatik kupel batek behintzat sagardoari gustu txarra ematen zion eta ez zegoen modurik kirtasa kentzeko nahiz eta kupelak ondo garbitu. Nire galderak hauek dira: Erabilitako kupelak hobe ez erabiltzea? Kupel berrria erostekotan, nolakoa komeni da? Haritzarena? Gaztainondoa? Besterik? Kupelen egurarren lodierak badu eraginik? Ea zerbait argitzen didazun. Eskerrik asko!
Erabilitako kupelak hobe ez erabiltzea? Ez, ardoarekin erabilitakoa berrerabiltzeko, egokiena da upela ireki eta egurra barrutik marrusketatu; ardo gustua edo ezer txarrik duen azala kenduz. Emaitza oso onak ematen dituzte, jeneralean. Kupel berrria erostekotan, nolakoa komeni da? Haritzarena? Gaztainondoa? Besterik? Edozeinek berdin balio du. Gero bakoitzak bere ezaugarrien araberako eragina izango du sagardotan. Gerezia, sasiakazia, lizarra eta abar ere erabili izan dira. Kupelen egurarren lodierak badu eraginik? Bai, zenbat eta egur lodiagoa, isolamendu hobea; eta egur hori ondo zainduz gero sagardoa ontzeko eragina ere hobea izango da.
408
Aurten bertoko artoa eta arto komertziala aldatu ditugu soroan. Biak alkarren segidan, eta momentuz ondo ari dira hasten... Bertoko artoa bi mota dira artaburu bat horia eta bestea gorri kolorekuak. Galdera da: Urrengo urterako gordetzeko asmoa edukiko bagenu, arto komertzialaren ondoan izateak hibridazioa izango luke? eta zertan nabarituko litzateke?
Hiru arto motak elkarren artean hibridatzea izango da naturalena eta normalean gertatuko dena.Hibridatzeak esan nahi du aurten jasoko duzun hazietan hiruren arteko ezaugarrien nahasketa joango dela. Nahiz eta horia, gorria eta hibridoa jaso, hazi horiek daramaten informazioa, hurrengo urtean emango dituzten landareetan ikusiko da. Adibidez: altura desberdineko landareak, artaburuen forma, artaleen egitura, aleen forma eta kolorea eta abar. Hori ez gertatzeko hazitarako jasotzeko klase bakoitzetik artaburu pare bat aukeratu eta burua egiten hasten denean eta punttan bizarrak ateratzen diren bezain pronto aldameneko bere berdinaren goiko lore arra hartu eta poltsatxo batean sartu lore hori eta poltsarekin artaburua itxi. Honela bere berdinaren polena soilik jasoko du eta ez da besteekin nahastuko. Gero beste buruetako bizarra zimeldu dela ikustean poltsa kendu, baina artaburu horiek ondo markatu, hurrengo urterako hazitarako jasotzeko.
409
Kaixo Jakoba Orain dela gutxi hasi gaituk baratzean eta zenbait galdera zeuzkeagu : -Ze banarru mota duk baba motza ? Babarruna edo udaberriko baba berria edo beste motaren bat ? -Entzuna diat tomatea aldatu aurretik zuloan asunak botatzea onuragarria dela tomatearentza Zer funtzio egiten ziok tomateari Zuloan asunak bota eta pentsatzen diat tapatu egin beharko direla sustraiak ez erretzeko?
Babarrun motza, makilarik edo sarerik behar ez diken babarrun landarea dek. Aihenik ez dik ematen eta motza geratzen dek. Ziklo laburragoa ddik. Nik ezagutzen dizkiatenak aldaera zuriak dituk. Gure amonak esaten zian Santio egunerako bi hostotan behar zikela, beraz ereiteko sasoia etorri dek. Asunak tomate landarea indartzen dik, silizioa eta beste mineral batzuk ematen zizkiok. Batez ere gaitzei aurre egitea dek helburua. Zuloan asuna jarri, gainean lur edo luar edo simaur heldu pixka bat eta gainean landatu tomatea.
410
Ezagutzen al duzu gaitz hau? Zein da? Aurre egiteko modurik ba la dago?
Nik ustez mamiaren edo medularen nekrosia da, Pseudomonas corrugata. Enborrean orban arreak edo gorri-marroiak azaltzen dira. Ondoren enborra zartatu eta ikusten diren koxkor horiek sustrai berrien hasiera dira. Barrua hustu egiten da.Jeneralean nitrogeno gehiegi dagoen lurretan agertzen da, enbor lodi eta indartsuak dituzten landareetan. Berotegian hezetasun handiegia eta argi gutxitxo den tokietan, batez ere.Inausketarekin hedatzen da, zaurietatik, eta batez ere berotegietan. Landare gutxi batzuk badaude gaixo, onena kendu eta erretzea. Inausketa arindu eta inausketa tresnak desinfektatu.
411
Egunon; Etxe parean arte haundi bat daukagu eta baserriaren berriztea dela eta pena haundiz baina bota beharrean gaude. - Enborra altzari pare bat egiteko erabili nahi genuke - Gainontzekoa sutarako Noiz izango litzateke sasoi ona hau botatzeko? Bi helburuetarako (altzaria egin eta sutarako) sasoi berdina da egokia? Eskerrik asko eta ondo izan.
Zura eta egurra gogorra ditu arteak. Gogortasun horren bila artea izerdi gutxiena duen garaian bota behar da. Negu-neguan, alegia. Gogortasun hori indartzeko ilbeheran botatzen da. Bi baldintza horiekin zura itxiagoa eta lehorragoa izango da. Honek iraupena emango dio, eta izerdi gutxi duenez egurra jatera hurbilduko diren sits eta antzekoentzako bazka gutxi izango du. Era berean. Egur itxi eta trinkoa izaki, sua egiteko berezia da artea. Ez du ilgoran eta izerditan dagoenean botatako pagoak bezala su azkarra eta gar handikoa egingo. Berak gar gutxikoa baina iraupen handiko sua eta brasa egingo ditu.
412
Egunon, aurtengoan patatak nahiko gaizki atera zaizkit, agian goizegi jarri nituen. Hostoetan orban beltz handiak atera ziren hasieran eta patata ateratzerakoan hau. zer dira zulo beltzak patatetan? azkar usteltzen ari dira. Milesker !
Zalantza ugari nuen ea arazo larriren bat ote zen zuen papatetan azaltzen den hori. Azkenean uste dut gorrina dela, mildiua alegia, Phytophtora infestans. Gorrinak landarea erasotzen du, hostoak, zurtoinak eta zuen kasuan ondoren lurpeko tuberkuluetara hedatu da. Pentsatuko duzun bezala, kontserbazio garaian, patata usteltzen joango da. Ez dakit zein duzun egoera, baina ahalik eta azkarren kendu patata hori. Hurrengo urtean beste soro batean jarri patata. Hazia ere aldatu eta landareetan orban gorri-beltz horiek azaldu bezain pronto tratatu: salda bordelesa, esne gordina eta asun ura. Azeribuztan ura ere erabili dezakezu.
413
Arratsaldeon jakoba flor de azahar delakoa daukagu (ez dakit euskaraz nola den)...noiz iñausi behar den jakin nahiko nuke??? aldez aurretik eskerrikasko...
Benetako azaharra laranjondoaren lorea da. Zeuk diozun hori sasi azaharra da, edo filadelfoa, Philadelphus coronarius. Udaberrian loratzen da. Loraldi ikusgarria du, zuri-zuria eta usaintsua, arrazoi horiengatik azaharra esaten zaio. Inausketa loraldia amaitzean egin behar da. Landarea gaztetzeko adar zaharrak kentzen joan. Urte askotan ikausi gabe egon bada, denak batera ez kendu. Loraldiaren ondoren inausita, negua iritsi aurretik adar berriak hazi eta hurrengo urteko goizeko loraldia prestatzeko nahikoa denbora izango du.
414
Hezetasunagatik tomateetan sortzen den gaitzari nola egin diezaioket aurre? Eskerrik asko.
Gorrina da tomatearen gaitz arruntena. Hasteko tomatearen landaketan kontutan izan: lur-tontorra egin, landaketa zuloan asun adarrak jarri, tarte handia utzi (tartean ibiltzerakoan ez ukitzeko moduan, makilak jartzerakoan kontutan izan gero estaltzeko "txapela" jartzeko aukera (goia soilik estali, aldeak libre). Gaitza egun ilun eta bustiak segidan direnean etortzen da; aurrea hartu behar zaio. Tratamentua: asun-ura, azeribuztan ura, esnea (ahal bada gordina) eta salda bordelesa. Hezetasun handi hori etorri aurretik tratatu behar da.
415
Arratsaldeon, txingurriak ikusi ditut bainetan. Zer egin dezaket txingurriak bainetatik bidaltzeko?
Txingurriek zuzenean ez dute kalterik egiten. Begiratu, ordea, leka landareen aihenen muturretan eta han zorriak egon daitezke. Horiek txingurriek ekarriak eta zainduak izan daitezke. Horiek egiten dute kalte. Horiek ez badaude txingurriak ez dira hurbilduko. Tratatu xaboi potasikoa, neem olioa eta Bacillus thuringiensisarekin.
416
Kaixo. Ortuan tipulak, porruak... etb landatu eta zuztarrak usteldu egiten zaizkie askori, eta hortaz aparte, landareei haztea kostatzen saie, normala baino denbora gehiago. Tipulin guztiak usteldu zaizkigu, erdian koroi bat moduan irtetzen zaie... Zein izan daiteke arazoa? Lurraren gaixotasunen bat edo? Eskerrik asko!
Usteldura hori zergaitik sortu daitekeen aztertu behar da. Ez ote dago animaliatxoren bat sustraiak jaten dizkiona? Hark egindako zaurietatik sartuko litzatake usteldura sortzen duen onddoa. Sataina, luhartza... Begiratu ea galeria tankerako zulotxorik ikusten duzuten sailean. Beste aukera bat da hezetasun handiegia izatea, plastikoa jarri delako, edo ura pilatzen den tokia delako sustraien hasierako parte hori usteldu daiteke. Pentsatu tipulari hezetasuna ez zaiola zipitzik ere gustatzen. Usteldura guztiak, azken beltzean, hezetasunak ekartzen ditu. Edozein eratara lurra harrotu, ildo-bizkarrak edo muntoak egin eta han landatu, eta abar egin saila lehortzeko.
417
Arbol ipurdietan belarra pilatzea ona da? Zelaia mantentzeko belar zaharra moztu eta inguruko arbol ipurdietan pilatzea ongarritzat balio du?
Edozein materia organiko ongarri bihurtzen da. Beraz belar zaharra ere ongarri izango da ontzen denean. Onena simaurrarekin nahasi edo geruzaka pila egitea litzateke, luarra edo konposta bihurtzeko. Ezin bada, beste era bazter batean pilatu eta piskanaka jiratuz luarra egitea da. Azkenekoa litzateke lurrean barreiatuta uztea, baina horrela ere denborarekin desegingo da. Lur gainean zabalduta uzten baduzu, simaur zahar pixka bat bota gainetik, usteltzerako bidea azkartzeko. Inoiz ez utzi belarra enborraren kontra, usteltzerakoan azala erre bai diezaioke. Enborretik aparte, ukitzen ez duela utzi.
418
Arratsalde on Jakoba. Galdera bat egin nahi Arratsalde on Jakoba. Galdera bat egin nahi nizuke, lupulo landare pare bat ditut, eta zorriak eta armiarma gorri txiki batzuk ere bai, baita amona mantangorri batzuk ere badakit beraiek direla zorrin aurkako botikarik onena, zer egingo det? gauzak bereartan utzi? edo tratamenduren bat hasi? Eskerrikasko eta ondo izan., lupulo landare pare bat ditut, eta zorriak eta armiarma gorri txiki batzuk ere bai, baita amona mantangorri batzuk ere badakit beraiek direla zorrin aurkako botikarik onena, zer egingo det? gauzak bereartan utzi? edo tratamenduren bat hasi? Eskerrikasko eta ondo izan.
Amona mantangorria arduratuko da zorrien izurriteari tamainan eusten. Armiarma gorri ttikiak ikusteko modukoak baldin badira ez arduratu. Kalte egiten dutenak ia ikusi ezinak dira. Zerorrek ikusi, deskuidoan zorriak ugaritzen hasten badira tratamentua egin beharko duzu: tabako ura, neem olioa eta xaboi potasikoa edo beltza. Bidali duzun argazkia, ordea, beste gauza batek eman dit atentzioa: hostoak hori antzera ez ote dauden... Agian argazkiarena da, baina lupuloa oso berde iluneko landarea da. Zuri ere horrela iruditzen bazaizu, ongarri organiko hondua eman: simaurra, luarra, zizare lurra...
419
Aurten fruitu pila bat eman du. 5 edo 4 urteko arbola. Iaz 7, 8 bat....aurten 200 bat... baina egun hauetan %50koa jausi xako... Zergaitik izan leike ? Arbola itxura ona euki arren... Eskerrikasko
Arbola gazteetan normala da hori gartatzea. Iaz 7n ale eta aurten 200... Neurria hartu behar dio, tamaina, eta era berean hazi eta heldu landare gisa. Loraldia ona eta polinizazioa oparoa izanda ale asko hartu bai, baina gero janaria behar da horiei denei eusteko. Era berean gaztea izanik hazi eta handitu egin behar da landarea, eta bi horiek, indarrean haztea eta fruitu asko ematea bateraezinak dira. Lasai hartu. Zuk egin dezakezun gauza bakarra landarearen bizimodua erraztea da, hau da ondo elikatzeko baldintzak jartzea: eman ongarri organikoa erruz, eta urtero (simaurra, luarra, zizare lurra...)
420
Kaixo Jakoba, Baratzean dugun elorriak ez du lorerik ematen (5 urte dira aldatu genuela). Normala da? Lorerik ematen ez duen elorririk badago? Hala bada, txertua emateko asmoa dut. Eskerrik asko!
Bost urteko elorria oraindik ume ttiki bat da. Ehundaka urte bizitzen denez, orain hazi eta hazi egin behar du. Baratze batean egonik, nahikoa janari aurkituko du eta handitzen ariko da. Loratzeko itxaron egin beharko duzu, eta egin dezakezun gauza bakarra ez inaustea da. Inausten baduzu loraldia atzeratu besterik ez duzu egingo. Lasai hartu.
421
Kaixo Jakoba, Ortua "potro bedarrez" beteta daukagu eta eskertuko genizuke luzatuko bazenigu metodoren bat barauek desagertarazteko. Eskerrikasko, Ramon.
Antzeko galdera egin zidanari hauxe erantzun nion: Borroka luze baterako prestatu behar zara. Potro-belarra egoskorra da. Lurpean duen tipulatxoa da gakoa. Hori akabatu behar da. Hor energia pixka bat den artean berpiztuko da. Borroka bakarra hostoak eman ahala kentzea da. Barkamenik gabe, bi edo hiru egunero hosto berriak tira eta atera. Horrela tipulak berriro hosto berriak eman beharko ditu bere energia xahutuz, eta zuk kendu hostoa, eta berak eman eta zuk kendu... Horrela tipulako energia bukatzen den arte. Lan hau lursail ttiki batean egin daiteke, baina saila handi xamarra bada... Bestea ezikusiarena egitea da. Niri ez dit enbarazurik egiten landare artean ikustean. Landare ttikiak direnean dugu arazoa, gaina hartzen dietelako. Orduan bai, behin edo bi aldiz kendu hostoak eta landarea koskortzean berak hartuko ditu azpian. Errotabatorra eta baratzeko tresnak dira potro-belarraren aliatu nagusiak, beraiek zabaltzen dute... Kontuz. Gune berri ttikiak kupidarik gabe kendu: aitzurrarekin eman eta lurpeko tipulak atera. Gutxi diren artean egin daiteke hori. Bestela laister izango da han ere andere eta jabe.
422
Kaixo Jakoba: Azken egun hauetan piperminetan eta baita piperretan amona mantangorri asko ikusten ari naiz. Ez dut uzte landarea jango dutenik. Bainan jakin nahiko nuke zertan ari diren. Zomorro baten atzetik badabiltza harek agian bai minduko du landarea ezta? Eskerrik asko.
Amona Mantangorriak mesede besterik ez du egiten. Landareei kalte egiten dieten zomorroak jaten ditu. Beraz, saiatu ahalik eta amona mantangorri gehien izaten zure baratzean.
423
Kaixo, kerezi aleak artxo txuri bat daukate barruan. Hau ekiditeko zer neurri hartu beharko nituzke ? Mila esker. (Kereziondoa Nafarroan daukagu, Gares inguruan).
Gereziaren eulia izango da, Rhagoletis cerasi. Heldua denean euli bat da, baina hasieran harra zurizta bat da. Apirila aldera jartzen ditu euli helduak arrautzak gerezi aletxoetan. Helduak lurrean sortu dira, hori ekiditea komeni da: lurrean gerezi ale kutsatuak ez utzi, eta bat bera ere. Eta udaberrian, apirila aurretik gereziondoaren azpiko lurra landu, euliak hiltzeko. Era berean apirileako, tenperatura 18º eta gehio denean tratatu: bacilus thuringiensis + neem olioa eta xaboi beltza edo potasikoa. 15 egunero tratatu, 3-4 tratamentu.
424
Sagarrondoek bi sexuak al dituzte beren baitan?
Bai sagarrondo guztiak hermafroditak dira. Hau da, bi sexuak dituzte sagarrondo bakoitzak eta sagarrondo guztiek. Era berean bi sexuak lore bakoitzean agertzen dira. Beraz, sagarrondo lore bat ikusten duzutenean beti bi sexuak izango ditu. Badira hermafroditak izanagatik, hau da landareak bi sexuak izanagatik, sexu bakoitza lore bereizietan agertzen duten landareak: hurritza, intxaurrondoa, haritza... Baina sagarrondoak bi sexuak ditu landare bakoitzean eta lore bakoitzean.
425
Kaixoo Ezagutzen al duzu norbait baratze biodinamikoa eramaten duena eta bere produktuak saltzen dituena etxeko kontsumorako??
Ez dut inor ezagutzen baratzea sistema biodinamikoan egin eta bere produktuak banatzen dituenik. Agian galdera hau bera Argian eta Irratian egin beharko dugu publikoari zabalduz, ea inor ezagutzen duen horrelakorik...
426
Arratsalde on,Jakoba: gorrinaren aurkako tratamentua zein den jakin nahiko nuke, zeintzuk diren neurriak... Inoiz salda bordelesa terminoa entzun dizut baina ez dakit nola egiten den. Milesker
Bizi Baratzea liburua eskuratzea gomendatuko nizuke (https://azoka.argia.eus/produktua/8), tratamentu guztiak gaitzentzako bezala izurriteentzakoak ere bertan argi eta garbi azaltzen baitira. Gorrina onddo bat da eta beraz hezetasunari aurre egin beharko diogu. Salda bordelesa kuprea eta karea dituen nahasketa bat da. Nahi baduzu etxean egin daiteke, baina gehienek nahasketa bera erosten dute. Salda bordelesaren lana indartzeko asunarekin edo azeribuztanarekin egindako minda edo purina nahasten diote. Gogoratu tratamentua gaitzari aurrea hartzeko dela, ez sendatzeko, beraz gegun hezeak eta ilunak datozela aurreratzen dutenean tratamentua egin, beti aurretik.
427
Artoa erein nuen eta orain babarruna erein nahi dut. Orain egun egokia da?
Lan hori egiteko sasoia ilgora da. Ilgora ekainaren 18an 17:29ean hasiko da. Egun horren azken ordu horiek onak dira, baina hurrengo eguna, ekainaren 19ko arratsaldea ere, 16:00etatik atzera.
428
Tomate landarea sano sano goraka doa baina orain dela aste batzuk irten ziren loreak lehortzen ari dira, fruiturik eman gabe Zergaitik izan daiteke? 160 *30 zm tako tiesto batzutan daude, alboan azenarioa kipulina eta albahaka dituela Eskerrik asko
Tomatearen loreak zapuztearen arrazoi nagusia uraren estresa da. Jeneralean arazo hori bero handiekin sortzen da. Duela ez asko izan dira tenperatura oso goian ibili den egun batzuk. Orduan landareak ezin du behar adina ura garraiatu hostoetara eta estres hori pairatzen du. Arazo hori areagotu egiten da landarea ontzian dagoenean, ontzia bera, eta lurra ere gehiago berotzen baitira. Arazoa ez berritzeko, ureztaketa zaindu, batez ere bero handietako egunetan.
429
Bi aguakate landara dauskat lorategian etxean ateratakoak, esan daustie estitxu behar direla bestela ez dabela fruttuk emoten, holan da?
Eztitu gabe ere fruitua emango dute. Ez dakiguna da bere ama eta bere aita nor diren, eta horregatik ez dakigu nolako fruitua emango duen. Fruitu mota jakin bat nahi baduzu orduan eztitu beharko duzu.
430
Zuk ezan zendun karea koskorra botatzeko garoari baña ze garai da ona?
Noiznahi botata ere kalte egingo dio. Nahi baduzu oraintxe bota. Hurrengo urtetan otsaila-martxoa aldera bota, horrela sustraiak mugitu eta kimua botatzen duen momentutik sentituko du kaltzioa lurrean eta bere eragina.
431
Arratsalde on, Masustondo bat daukagu Errioxan. Argi ikusten denez gaizki dago. Jakin nahi nuke ea zerbait egin ahal dezakedan bizirik iraun dezan. Mila esker, Elbira
Marugatze horren itxura oso txarra du. Adarrak kimatu eta hautsita ditu. Horren ondorioz zauri izugarriak ditu. Hildako adar zatiak guraize zorrotz batzuekin zauri garbia eginez moztu. Eta egin dezakezun gauza bakarra landarea bakean uztea da. Inork ez dezala ukitu eta marugak biltzerakoan adarrak kontuz erabili. Hortik atzera, ongarria eman. Eman eta eman, ondo elikatuta egoerari buelta eman diezaion.
432
Badira urte batzuk bi intxaurrondo landatu nituela, batek fruituak eman dizkit eta besteak ez. Entzuna daukat badirela fruitua ematen ez dutenak, egia al da hau?
Teorian intxaurrondoak fruiturik ez emateko arrazoirik ez dago. Beste upeleko sagardoa da fruitua emateko baldintza jakin batzuk bete behar dituela. Hasteko heldutasunera iritsi behar du, batzuk lehenago beste batzuk geroxeago heltzen dira. Bestetik janaria nahikoa izan behar du eskuera, lorealdian eta fruitualdian xahutuko dituen erreserbak biltzeko. Eta azkenik, lan hori hartzeko gogoa izan behar du. Orokorrean arbolaren itxurari begiratu: pujak indarrean ematen baditu, hostaje berri ugaria badu eta kolorez mardul ikusten bada, lasai hartu; oraindik gaztearen indarra eta kemena ditu eta heldutasuna gero etorriko zaio. Hazteko, handitzeko indar ikusgarria eta fruitua ematea bateraezinak dira. Utzi lasai hazten eta hazkundea apaltzen denean ekingo dio fruitua emateari. Ez da harritzekoa lehen fruituak emateko 15 urte igaro behar izatea. Izan ere ehundaka urte bizitzeko asmotan baita intxaurrondoa...
433
Nola galdu leike gardulatza ze garai da ona guztiak atxurrakin moztu eiten deu
Aitzurrarekin moztea ona da; ahal baduzu lurrari pixka bat joaz, landarea berritzea zailtzeko. Onena maiz moztea da, txikia dalarik ere, ikusi ordurako jo. Lan hori egiteko sasoi onenean gaude. Beti ere ilgoran egin, maiatza, ekaina eta uztaileko ilgoran. 2019an ekainean 19tik uztailaren 2ra eta uztailaren 16tik 29ra.
434
Kaixo Jakoba Bi urteko klaudia aranondo bat dut. Enborreko azala ia guztiz janda dagoela ikusi dut. Orkatza izan dela diote. Jakin nahi nuke nola lagundu ahal diodan zuhaitzari zauriak sendatzeko.
Hasteko, zauriaren inguruko azalak hariak baldin baditu labana zorrotz batekin ebaki garbi bat eginez moztu. Zauriaren ertza zenbat eta garbiagoa, orduan eta errazago itxiko da. Labana alkoholarekin desinfektatu ondoren erabili. Gero zauria bakean utzi. Ez pintatu edo txertatzeko ore horiekin estali, laguntza baino kalte gehiago egiten dute. Amaitzeko aranondoari laguntza eman: uda partean ureztatu eta ongarria eman. Uztaila aurretik ongarritu, bere hostajearen itzalaren pareraino, gutxienez, simaurra edo luarra emanez. Ea buelta ematen dion...
435
Basoa zana orain 30 urte,orduan aitak landak bihurtu zitien,traktoragaz ibilteko moduan ,10ha.dire, kontua da guk etxekoak gaztañondoa edo intxaurondoak landatu nahi doguzala ha.2ko zailan. Kontua da non erosi, zein da gogorrago gure lurretarako (lurraren analisiak egiteko nora joan) Alboko landetan piñua ta eukalitoa dau eta gaixoren batek kutsatuko duenaren beldurrez
Zorionak asmo horrengatik! Gaztainondoak arazo larriak ditu hemen ondo bizitzeko. Zenbat eta iparralderago eta okerrago. Lurreko bi onddok sarraskitzen dute, eta horiek hezetasunarekin puztu eta indartzen dira, gaztainondoa akabatu arte. Iparraldean bada talde bat lan horri heldu eta aldaera berriak probatzen ari dena... ( https://iparraldekohitza.eus/2018/10/03/berriro-bere-lekua-har-dezan/ ). Gehienak gaztain japoniarraren gainean txertatutakoak dira gaur egun. Itzuraz horiek dira gehien eusten diotenak lurreko gaitzari, hala ere nik ez nuke ziurtatuko ondo biziko direnik. Horrez gain, azken urte hauetan liztor batek birtizki erasotzen ditu gaztainondoen hostoak (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2416/elorrio-du-gaztainondoak ). Nik zalantzan jarriko nuke gaztainondoaren biziraupena eta emankortasuna. Berriro diot, zenbat eta toki bero eta lehorragoa izan hobe; ez dakit non biziko diren gaztainondo horiek... Intxaurrondoari buruz, toki lehor eta lur harro eta harritsuak ditu gustuko. Lurra buztintsua bada horrek ere jai izango du. Hala ere saiatu nahi izanez gero txertatutakoa landatu, intxaur beltzaren gainean txertatutako intxaurra. Hemen garrantzitsuena arbola honen erabilera erabakitzea da. Zertarako nahiko duzu: zuretarako, fruitutarako, bietarako... Horren arabera erabakiko duzu zein aldaera edo barietate jarri eta zein tarterekin landatu. Ikusgarri dituazu intxaurrondo sail galantak Frantziako Perigord eskualdean, Euskal Herritik gertu, eta merezi du bisita bat egiteak, nola lan egiten duten ezagutzeko. Museo bat ere badute ( http://www.ecomuseedelanoix.fr/ ).
436
Kaixo Jakoba, zure iritzia jakin nahi nuen mendia eta zaborrari buruz. Zilegi al da fruten azalak mendian botatzea? (begi bistan ez, noski). Edo hobe etxera bueltatzea zabor guztia?
Nire iritziz hobe da fruituen azalak etxera ekarri eta organikoaren zikloan sartzea. Horrela naturara bueltatuko da ongarri moduan, luarra bihurtuta.
437
Orain dela 2 aste artoa erein nuen eta ez zait landarea atera. Berriro artoa ereintzeko, noiz da egokia. Mila esker zure erantzunagatik.
Ilgoran gaude eta bihartik, 2019ko maiatzaren 27tik ekainaren 5 eguerdira arte ona izango da, Ilgora. Egun onenak 27, 31 eta 1.
438
Baratza ekologikoan lantzen dugu. Txikia da baina pozik gaude. Baina barakurkuilu batek kalabazin landarea jaten topatu dugu eta azelgak denak kendu ditugu, zirriak lepo indda zeundelako. Txingurrixar ere badauzkagu. Zer egin dezakegu? Zaldi-buztanan ura, garagardoa, ......bota arren ez dakigu zer egin. eskerrik asko
Zuei adina gustatzen zaizkie horieri erte zuen barazkiak, ekologikoak baitira! Barekurkuiloak atzeratzeko landareak txikiak direnean inguruan karea edo sutako hautsa jarri, eta euria egiten duen bakoitzean berritu. Pixka bat haztea nahikoa da. Landareak hosto berri batzuk botatzen dituenean ez dute osorik jango, lasai. Zorriak kentzea zailagoa da, baina saiatu xaboi potasikoarekin. Emaitza oso onak ematen ditu. Deskuidoan ez badu landarea garbitzen, tabako ura nahastu. Formulak eta kantitateak BIZI BARATZEA liburuan eta webguneko galderen erantzunen txokoan badituzu.
439
Kaixo, Kamamila landarea zorriz josita jartzen zait. Zer dela eta da hori? Zer egin dezaket? Eskerrik asko
Zorria ahalik eta azkarren tratatzea komeni da, gutxi diren artean. Xaboi potasikoa duen urarekin hasi. Tratamentu pare bat edo hiru egin eta ez bada erabat garbitzen tabako ura prestatu eta xaboiarekin batera bota. Txingurriak ikusten badituzu, arrisku handia dago txigurriek beraiek zorriak zabaldu eta zaintzearena. Haiek atzeratzeak ere zorriak galtzen lagunduko du.
440
Kaixo, Oñatiko Aloña Mendi Espeleologia Taldetik idazten dizugu. Oñatiko koba baten esplorazioari bukaera eman ezinean gabiltza. Koba horren galeria bat, topografiaren arabera, ia kanpo alderaino doa. Kanporako lotura lortuz gero esplorazioak ikaragarri erraztuko lirateke. Galeriaren mutur bateko sapaian sustraiak ikus daitezke. Kokatuta daukagu leku hori gutxi gorabehera eta leku horretan pagoak besterik ez daude. Pagadia karearrizko pareta baten pean dago, aldapan. Galdera hauxe da: ze sakonera hatzen dute pagoen sustraiek? Datu horrekin jakingo genuke galeriara iristeko zenbat zulatu behar dugun.
Beti esan izan da pagoak azaleko sustraijea duela. Bibliografiara jotzen badezute nagusiki hori topatuko duzute. Horrek ez du esan nahi pago guztiek sustraije berdina dutenik. Ezin beraz esan sustrai horien “ama” zenbat metrotara egongo den... Azaleko esatean pentsatu, lasai asko sustraien sakonera pagoaren garaiera adinakoa izan daitekeela. Oñatin hor duzute Natur Eskola sonatua. Agian hango jendeak, bertatik bertara pagoak ikusita erantzun zehatzagoa emateko gai izango dira.
441
Kaixo Jakoba nere zalantza hurrengoa da: zerbait landatu nahi dut pendoitz (talud) batean, aukeran landare "tapizantea" nahi nuke. Zer landare mota izan daiteke egokiena. Pendoitza hegoaldera begira dago. ESKERRIK ASKO
Pendoitza estaltzeko landare aukera handia duzu. Edozein tokitan igokari gisa erabiltzen direnak, adibidez, lur gainean zabaltzen utzi eta estaltzaileak dira: arrosa, wisteria, bignonia, huntza, Virginiako igokaria (Parthenocissus), jasmina, sasi jasmina, jasmin horia, plunbagoa eta abar. Igokariak beharrean zabalera hazteko joera duten zuhaixkak ere landatu daitezke: hortentsia, abelia, eskallonia, biburnumak... aukera izugarria da. Koniferoetan asko dira gora beharrean zabalduz hazteko joera dutenak. Erabakia hartzerakoan kontutan izan bi gauza: hostoa galtzen dute edo ez eta landarearen kolorea eta testura. Zure gustuaren arabera osatu.
442
Kaixo!!! Erdoiaren aurkako tratamentua ikusi dut osin edo azeri buztan ura + esnea + salda bordelesa Baino bakoitza zein proportziotan? Ureta disolbatu behar da dana? Ze komeni da tratamentuak goizeko edo arratxaldeko ihintzarekin? Edo eguardian edo egin behar da? Mila eskerr guztiagatik
Azeribuztan ura: 200 gr hosto heze 10 litro uretan 24 orduz beratu eta 20 minutuz irakin. Horri litro bat esne (ahal baduzu gordina) nahasi. Salda bordelesa gehitu, paketean jarriko dizu proportzioa, 10 litro horientzako kalkuloa egin eta lixto. Formula horiek denak "Bizi Baratzea" liburuan dituzu. Tratamentua eguzkitan egitea komeni da, bazkalondorengo beroan onena. Bestela eguerdian.
443
Kaixo Jakoba, galdera bat lengoan etxeko jardineran landaketan nabillela har potolo potolo ta zuri batzuk topatu nittun, zer dira. Onak edo txarrak dira nire lorentzat? Zer egingo nuke kendu ala utzi, eskerrik asko.
Har lodi zurizta horiek kentzea hobe. Landareen sustraiak jateko gai dira. Zenbat eta lehenago kendu hobe.
444
Kaixo Jakoba, lur sail berri bat hartu dut eta han behi gorotza dago,baina gorotz horrek lau bat urte ditu tapatu gabe.Hau da galdera, gorotz horrek balio al dit baratza ongarritzeko? Edo beste ongarri bat botako diot?
Gorotz hori estali gabe egon bada, luze, lurrerako liratekeen elikagaiak galtzen joan da. Euriarekin urtu eta alde egin. Ongarri pobrea izango da. Materia organikoa izango da eta alde horretatik oso ona da. Lurra ez du aberastuko baina bizia emango dio. Nik zalantzarik gabe baratzean erabiliko nuke.
445
Kaixo Jakoba! Gure osaba banabarrak (babarrunak Leitzen) ereitteko gogoz dago baino aste honetan eguraldi txarra datorrela eta kezkatuta. Ez daki zer egin... Zuri galdetzeko eskatu dit, ia zein egun den ona, noiz ekin diezaioken lan horri. Ilargiari erreparatu behar zaiola eta ia noiz, nola, ... Eskerrik asko denagatik, Segi bizkor!
Egun onenak maiatzean 22 eta 23 goizak, eta 31 egun osoa; eta ekainean 1 egun osoa, 18 eta 19 ilunabarrak, 27 arratsaldea, 28 egun osoa eta 29 goiza. Ez hain onak, baina txarrak ez maiatzaren 28, 29 eta 30 eta ekainaren 24 arratsaldea eta 25 egun osoa.
446
Kaixo, Maiatzean edo ekainean zeintzuk lirateke egun aproposenak artoa eta babarruna ereiteko? Eskerrik asko.
Onenak maiatzean 22 eta 23 goizak, eta 31 egun osoa; eta ekainean 1 egun osoa, 18 eta 19 ilunabarrak, 27 arratsaldea, 28 egun osoa eta 29 goiza. Ez hain onak, baina txarrak ez maiatzaren 28, 29 eta 30 eta ekainaren 24 arratsaldea eta 25 egun osoa.
447
Artoa erein dut eta nere galdera da: zenbat denbora behar du landarea azaltzeko? Mila esker zure erantzuna gatik
Artoak, orokorrean, 6-8 egun behar ditu jaiotzeko. Asko jota 15 egun. Ez bada jaio arrazoi hauetakoren bat medio izan daiteke: hazia antzua, sakonegi ereina (4 cm inguru komeni da), lurpeko edo lurgaineko animaliaren batek edo hegaztiren batek jan izana.
448
Tipula jarri nuen eta oso ondo dator bainan barrrabasakin ez dut burutik altxatzen,nola dezaket tipula garbi mantendu?
Ez duzu gauza onik. Barrabasa kentzeko modurik ez da. Atera eta atera, hori da egin beharrekoa. Eta tipula ezin da aitzurrez landu, ukitzea nahikoa baita zauri bat egin eta bertatik usteldurak eragiten dituzten onddoak sartzeko. Eskuz egin beharreko lana da. Eta komeni da tipula belarrik gabe mantentzea, izan ere lehortea gustatzen zaio eta beroa, eguzkiak bere burua eta inguruan duen lurra ondo berotzea. Hurrengorako kontutan izan, barrabasa izaten den lur sailean ez jarri tipularik. Eta barrabasa ere estu hartu. Lurra rotabatorrarekin lantzean dakar barrabasa barra-barra zabaltzea.
449
Arratsalde on Jakoba. Lehendabizi zorionak eta esker mila zure lanagatik. Hazitegian ditudan piperrak uste dut oso triste daudela, belarri makur. Zer egin dezaket horiek poztasun pitin bat hartzeko. Mila esker. Imanol
Argazkia ikusita hor zerbait berezia badagoela esango nuke. Hosto berriak batez ere bihurrituta eta kiribilduta ageri direla dirudi. Nik esango nuke ziztadak ematen dizkion intsekturen bat edo birusen bat dutela. Intsektua balitz nahiz eta txikia izan, ondo miatuta topatuko zenuke. Birusena okerragoa da. Intsektuak badu tratamentua, birusak ez. Bada ezpada, intsektuentzako tratamentua eman: xaboi potasikoarekin hasi. Ondo ondo busti landarea alde guztietatik; ez landareagatik, ezkutatuta egon daitezkeen intsektuak busti egin behar direlako. Behar bada tabako ura eta asun ura ere erantsi.
450
Kaixo Jakoba, Konpostagailuan bere gisa ernatu zen. Ez dakit melokotoi edo albertxiku hezurretik, baina zuhaitz koxkorra egin da urte batzutan. Hala ere gaitza duela iruditzen zait. Hostoak oso kixkurtuak ditu. Zer iruditzen zaizu zuri? Zer egingo dugu? Eta txertatzea komeni zaigu? Fruitua ematea nahi badugu? Eskerrik asko, ongi segi!
Landarea melokotoia, muxika, brinoia edo horietakoa da. Albertxikua ez. Gaitza dauka. Muxika edo melokotoiaren lepra da gaitza. Taphrina deformans onddoak sortzen du. Oso zaila da bere aurka egitea orain. Gaitza ez hedatzeko kuprea erabili behar da, salda bordelesa. Azeribuztanaren ura eta xaboi pixka bat nahastuta eman. Gaitzari benetan aurre egiteko, hostoa erortzen hastean hostajea tratatu eta, batez ere, udaberrian lorea irekitzera doaneanbegiak puzten hasten direnean tratamentu pare bat egin, loreak erabat ireki aurretik, 4-8 eguneko tartearekin. Lehen esandako nahasketarekin. Lorearen ondoren ateratzen dira hostoak eta orduantxe kutsatzen da gaitza, iazko udazkenean geratutako arrastoetatik.
451
Kaixo Jakoba, Azken bi urte bueltan aurretik ikusi gabeko belar txarra daukat bai negutegian baita kanpoan ere...sasoi honetan...ez dakit zer egin...kendu ta berriro hazten zaizkit...ideiarik bai zer dan? erremediorik ba al dago honen kontra egiteko? argazki pare bat bidaltzen dizkizut...ea ezaguna egiten zaizun...
Horrela ikusita belarra ez dut identifikatzen. Loratzen deneko argazkiren bat ba al duzu? Gustura ikusiko nuke, eta identifikatzen saiatu. Bestela, orokorrean esan daitekeena da loratzean fruitua eta hazia ematen ez uzteko. Sustraietik ugaritzen dena bada, kontuz "rotabatorrarekin", sustraiak ebaki eta hedatuko baititu. Eta badaki, zenbat eta ugariago moztu orduan eta kalte gehiago egingo diozu.
452
Kaixo Jakoba: Nahineuke jakin gorosti landarebat basoan dagona aldatzeko garaian gauden ala datorren urterarte lagatzia hobe dan. Ezkerrikasko, Ondo izan
Hostoa galtzen ez duten landareak neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran landatu behar dira. Oraintxe udaberriaren erdian gaude. Landarea oso ttikia bada, eta sustrai guztiekin ateratzeko moduan badago posible da orain egitea. Baina bi baldintza horiek zorrotz bete ahal izanez gero. Eta aurtengo udan maiz maiz ureztatu. Bestela hobe duzu hurrengo urterako utzi. Eta martxoaren erdia-amaiera aldera gogoan izan eta orduan aldatu.
453
Tomateak euli zuriz eta pulgoiek beteta ditut, behintzat horiek direla uste dut. Nola egin daiteke horiek kentzeko.
Euli zuriari lehortea gustatzen zaio. Zorriari ongarri asko hartzen duten landareen kimua. Lurreko ongarria edo nitrogeno gaindosia kendu ezin duzunez, tratau egin beharko duzu. Tratamentuan erabiliko duzun urak berak uxatuko du euli zuria. BIZI BARATZEA liburuaren intsektiziden atalean jartzen duen bezala, tratatzeko jarri 100 gramo litro erdi alkohol eta litro erdi uretan, hamabost egunez beratzen utzi. Hamar litro uretan urtu eta xaboi potasikoa erantsi. Hamabost egun itxaroten ari zaren artean egun batez beratutakoarekin egin tratamentu pare bat. Xaboi potasikoa garrantzitsua da. Biak akabatuko ditu. Berarekin soilik ere trata dezakezu.
454
Kaixo Jakoba, melokotoi bat daukit mazeta batetan sartuta, datorren urtean asmoa daukit mazetatik lurrera aldatzea, hau da, hostoak ximeltzen hasi zaizkio zer egin dezaket melokotoia bizkortzeko?
Lurrean aldatzeko sasoi onena negua da, hostoa galtzen duten landareak aldatzeko garaia. Hostoetako zimurrena muxika edo melokotoiaren lepra da, gaitza. Taphrina deformans onddoak sortzen du. Oso zaila da bere aurka egitea orain. Gaitza ez hedatzeko kuprea erabili behar da, salda bordelesa. Azeribuztanaren ura eta xaboi pixka bat nahastuta eman. Gaitzari benetan aurre egiteko, hostoa erortzen hastean hostajea tratatu eta, batez ere, udaberrian lorea irekitzera doaneanbegiak puzten hasten direnean tratamentu pare bat egin, loreak erabat ireki aurretik, 4-8 eguneko tartearekin. Lehen esandako nahasketarekin. Lorearen ondoren ateratzen dira hostoak eta orduantxe kutsatzen da gaitza, iazko udazkenean geratutako arrastoetatik.
455
Aupa jakoba, ongarri berdea ereiten badut, zatza ere botatzea komenigarria da ? Edo ongarri berdeaz nahikoa da? Eskerrik asko!
Biak erabili ditzakezu batera. Ongarri berdea eginez gero, sats gutxiago erabili beharko duzu. Satsak ongarri berdearen "usteltzea" sustatuko du. Eta ongarri horren ontzea edo lurreko bere lana azkartu eta indartu nahi baduzu, karea eman.
456
LYME gaixotasuna ez hartzeko ze egiten dute baserrietan eta ze egin dezakegu gu mendira joaten garenean?
Hemen landareetaz dakigu. Lyme gaixotasuna akainek kutsatzen dutela bai, eta aurten sekula baino goizago eta ugariago ikusi ditugula mendian, ere bai. Bina hortik aurrera nik ez dakit zure galdera hori erantzuten. Irratian aipatuko dut eta ea norbaitek erantzun argiren bat emateko gai den. Medikuak, albaitariak edo mendizale jantziak erantzuteko galdera da.
457
Kaixo Jakoba! Badakizu euskeraz tupa deitzen diogun lurrari, nola esaten dioten erderaz? Eskerrikasko!! Ondo izan.
Nik esango nuke marga dela. Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegian Tufa eta Cayuela aipatzen ditu...
458
Aupa Jakoba egun onak nafarrotik!! Baratze bat dugu, pixka bat hezea den lekuan eta errak baten ondoan, bi lursailekin: bata babestua negutegi gisa (idorragoa) eta bestea kanpoan (hezeagoa). Urtero azenarioak ereiten ditugu, eta bi lurretan egin dugu proba, baina zailtasunak izateran ditu ateratzeko: asko kostatzen zaie, normalean baino hazi gehiago erein behar dugu, belar txar asko atera ez azpiratzeko... ez da ohikoa, jendeak arazorik gabe izaten dituelako azenarioak baratzetan. Laguntzerik? Aldez aurretik eskerrak zure lanagatik!
Lur itoak ez zaizkio gustatzen azenarioari, beraz lurra lehortze aldera lan egin behar dezute. Inguruko landareek eman dezaketen itzala kendu, lurra harrotu karea emanez, eta asko gustatzen zaiona errautsa edo sutako hautsa da. Simaurra ere ez zaio gustatzen, batez ere oso ondo ondu gabekoa. Ea horrela...
459
Aupa Jakoba : Aste honetan jabetu naiz baserri aurrean dudan aranondo oparoak gaixotasunen bat duela. Lehenik beheko adarrean hasi bazen ere, erabat zabaltzen doa bere zimeltze egoera. Ez dut zorririk edota beste ezer ikusten. Alez beteta dago, kolorea jaon zaie hostoei eta erraz atzematen zaio gaixo dagoela landarea. Zer egin dezaket? Mila esker eta segi pizkor Xanti
Argazkian ez da oso ondo ikusten, baina Aranondoa ez dut oso gaizki ikusten. Nik esango nuke arazoa inguruan duela. Aranondoari ez zaio itzala gustatzen. Eta hezetasuna ere ez. Beraz onena bakarrik, inguruan beste arbola edo zuhaitzik izan gabe du. Argazkian zuhaitzez inguratua ikusten dut... Horietakoren bat kentzerik bai? Egin behar duzun guztiak bide honi jarraitu behar dio: eguzkia eta argitasuna eman eta hezetasuna kendu. Hezetasuna kentzeko lurrean ura bideratu, eguzkia lurreraino sar dadila, karea eman...
460
Kaixo Jakoba!! Ardi batzuk dauzket belaze batean eta belarra jaten dijoazenen menta uzten dute jan gabe. Abuztualden saila moztu eitende eta ardik atea eiteitut, urtetik urtea menta gehiago dauketela iruitzen zait. Zer egin nezake menta gutxitzeko? Noiz da komigarria moztea menta oi??
Menda lur aberatsetan ugaltzen da. Artaldea dabilenez, etengabe ongarritzen dute sail hori. Horrek dakar lurrean nitrogeno freskoa barra-barra izango dela. Horrek indartzen du menda. Artaldea ateratzea ezinezkoa izango denez bi lan hartu: batetik ilgora guztietan menda moztu eta lur horri karea eman. Mozteak mendaren sustraietako erreserba makalduko du. Kareak lurraren pH-a goratuko du, lurra harrotuko du, hezetasuna urrituko du eta ongarri nitrogenatua desegiten lagunduko du, dena mendaren gustuen aurka.
461
Kaixo Jakoba, Amaia Azpeititik (Gipuzkoa). Kezkatuta idazten dizut, izan ere, etxean ditugun zuhaitzak geroz eta apalago nabaritzen ditugu. Intxaurrondoak (50 urte inguru) enborraren oinetik du azala harrotuta, geroz eta handiago egiten ari da zauria. Bestetik, Haritzek (batak 80 eta besteak 100 urte) enborraren erdialdean dituzte zauririk handienak, zulo izatera iritsi arte. Harrogunea kareaz estaltzeko ohitura izan dugu, baina arrakasta handirik gabe. Zer egin genezake? Mila-mila esker!
Argazkiko zuhaitzaren arazoa belarra moztetik etor daitekeela dirudi. Belarra mozterakoan makinak zuhaitzaren azala jotzen badu hau harrotu eta erori egingo da. Zauria ikusiko duzu. Lan hori etengabe errepikatzen bada, zauria haunditu besterik ez da egingo, zuhaitzari kalte handian eraginez. Indarra baduela ikusten da, altsuma berria botatzeko gai baita. Belarra mozteko makinak bezala desbrozadorak ere kalte bera eragiten du. Hobe duzu zuhaitzaren ipurdiaren inguruan belarra handia utzi. Edo zuhaitzaren inguruan lore edo zuhaixka batzuk jartzeko txokoa sortu. Azpian edertzen dute eta belarra mozteko makinei azaletik urrun dagoen muga jartzen die. Haritzen enborraren erdialdeko zauri horiek ikusi egin beharko dira, zer diren eta nondik-norako arrazoia duten jakiteko...
462
Zer gertatzen zaio gure limoneroari? Ostoak horitu eta erori egiten zaizkio
Lorontzia ikusi behar da arazoaz jabetzeko. Baina elikadura arazo bat aurrikusi daiteke. Aurrez, hala ere kotxinila edo antzeko izurriteren bat ez duela ziurtatu behar da. Hostoetan eta adar ttikietan lapa antzeko intsektu itsatsi batzuk dira kotxinilak. Bera dagoen tokian hostajea erori aurretik kraka beltz batek estaltzen du. Bestela elikadurari erreparatu: ontzia txikiegia eta landare handia mantendu behar. Hori gutxi balitz fruitu mordoxka. Hasteko, kendu fruituak. Nahi izatera erakusle izango den bakar bat utzi. Ontzi handiago batean jarri, ondo drainatzen duela ziurtatu, urak erraz alde egin behar du. Lur ona jarri, ahal duzun onena eta ureztaketa zaindu. Maiz ureztatu, baina esan bezala, soberan duen urak erraz alde egiteko moduan.
463
Kaixo, sagarrondoak eta intxaurrak ditugun lur zatian belarra moztu dugu eta honekin zer egin ez dakigu. Txarra al da zuhaitzei azpietan jartzea?? Mila esker.
Onena belarra usteldu eta ongarri bihurtzea da. Horretarako bi aukera dituzu. Batetik belarra moztu ahala, lur gainean bertan utzi zabalduta eta laister ustelduko da eta lurrak irantsiko du. Bestea, belarra pilatan jarri, simaurra balitz bezala eta luartu edo konpostatu. Azken aukera honetan tartean jartzeko simaur edo luar pixka bat baduzu hobe. Aukera txarrena arbolen ipurdi bueltan jartzea da. Ez da ondo usteltuko eta sustraiak jaten dizkieten satainak bertan gozo biziko dira bere harraparien eta arerioengandik ederki ezkutatuta. Bestetik arbilak elikatzen dituzten sustraiak enborretik urrun daude, gutxienak enbor bueltan. Beraz janaria denean zabaltzea komeni da.
464
Egunon, esan didate baba berdearen alea, leka babarruan urte bisiestoetan alderantziz osatzen dala, horrela da?
Ez dut inoiz ezagutu hori. Eta lehenengo aldiz antzuten dut. Beraz hurrengo urte bisiestoan frogatu beharko dugu esaera hori. Hala ere, urte bisiestoek duten berezitasun bakarra da urtez urte pilatzen den denbora atzerapen txiki bati tartea egitea eta lau urtez behin atzerapen hori "berdintzea". Beraz landareen ikuspegitik aparteko ezer ez dakartela esatera ausartzen naiz. Egutegirik ez dute behar landareek, gu baino azkarragoak dira...
465
Kaixo! Hilabete honetan noiz da egunik aproposena patata ereiteko? Mila esker!
Patata ilbeheran landatzen da. Egun onenak sustrai egunak dira. Maiatzean bi baldintza horiek betetzen dituzten egunak hauetxek dira: 14 arratsaldea, 15 egun osoa, 16 goiza eta 17 16:00 arte.
466
Telebista programa batean ("Mountain men") ikusi nuen akazia azalarekin eltxoak uxatzeko pasta bat egiten zutela. Probatu nahi det baino jakin behar nuke ze garaitan kendu behar nioke azala akaziari ahalik eta kalte txikiena egiteko arbolari.
Lehenengo jakin beharko genuke akazia zer zuhaitzeri deitzen zioten. Guk akazia deitzen duguna benetan sasiakazia da, Robinia pseudoacacia. Benetako akaziak mimosaren familliakoak dira (Acacia dealbata). Hala ere, azala kentzeko onena adarren bat moztea da. Horrela adar horren azala erabili eta kitto. Zuhaitzari azala kendu eta zauria bertan utzita, kalte handia litzateke. Beno, baita ere jakin beharko genuke zenbat azal behar den...
467
Arratsalde on, galdera bat dut zuretzat. Pagoa sartu dut zelai batzuetan, orain hostoak ateratzen ari zaizkie, baina inguru hauetan orkatz asko dabilenez, babesgarriak jarri nahi dizkiet. Pagoak 80cmkoak dira gutxi gora-behera, babesgarriak 1,2cmkoak. Babesgarri hauen barruan geratuz gero pagoa ondo egongo litzateke edo punta agerian izan beharko lukete? Babesgarriak baso askotan ikusten diren moduko berdeak dira. Aldez aurretik eskerrik asko!
Babesgarria luzeagoa izanagatik jeneralean ederki etortzen dira eta laister hostoak gainetik azaldu. Hala ere zaindu eta ikusi zer gartatzen den, luzatu eta azaldu ezinik jarraitzen badute eta hostoak ez badute babesgarriaren barruan kolore naturalik moztu. Nahi baduzu batzuk moztu eta beste batzuk luze utzi eta saioa egin. Hala ere hostoa azaltzen denean hura ere jan dezakete.
468
Kaixo, itxura oso txarra daukate hostoek, eta zuhaitza buelta eman ezinik dago, gainera melokotoi ale ugari dazka ttiki ttikiak. Ez dakit zer gertatzen zaion, ez daukat esperientziarik.
Muxika edo melokotoiaren lepra da gaitza. Taphrina deformans onddoak sortzen du. Oso zaila da bere aurka egitea orain. Gaitza ez hedatzeko kuprea erabili behar da, salda bordelesa. Azeribuztanaren ura eta xaboi pixka bat nahastuta eman. Gaitzari benetan aurre egiteko, hostoa erortzen hastean hostajea tratatu eta, batez ere, udaberrian lorea irekitzera doanean begiak puzten hasten direnean tratamentu pare bat egin, loreak erabat ireki aurretik, 4-8 eguneko tartearekin. Lehen esandako nahasketarekin. Lorearen ondoren ateratzen dira hostoak eta orduantxe kutsatzen da gaitza, iazko udazkenean geratutako arrastoetatik.
469
Bidanin dauketen arbola onek ematen ditun sagarrak segitun jan bear die, bestela usteldu eginten die, zer dago egitea?
Nik karearekin saioa egingo nuke. Karea eman lurrari urtero. Onena pikorra edo koxkorra. Kilo pare bat banatu arbolak adarrak hedatuak dituenen azaleran eta metro pare bat gehiago buelta osoan. Simaurra azaroan ematen den bezala karea otsailean eman behar da. Gogoratu urtero. Eta ea zer gertatzen den...
470
Kaixo Jakoba! Pinudiak bota ditugu eta hauen ordez gereziondoa (prunus avium) eta lizarra sartzekotan gaude. Printzipioz, egurretarako sartu nahi dugu baina zuhaitz hauen fruituarekin Europa erdialdean edari bat egin ohi dutela irakurri ahal izan dut: Kirsch du izena. Posible ikusten al duzu bi jarduerak konbinatzea, hau da, basogintza eta likore horren produkzioa. Katalunian ardoa ere egiten omen dute gereziokin. Agian astakeria bat da ideia bera baina interesa piztu du nigan eta zure iritzia jakin nahi nuke. Mila esker!
Zura eta egurra sortzeko aukera ona egin duzu. Gereziondoak oso zura ona sortzen du. Lizarra ez da hemen hainbeste estimatzen, baina oso egur ona ematen du. Gereziondoaren arazo nagusia lurretik dator, buztin lurretan ito egiten da eta gaitzak jotzen du. Lizarra, aldiz, gustura etorriko da lur horietan. Likoregintzaz, bai toki askotan topatuko dituzu gereziarekin edo bere familiako beste fruituekin egindako likoreak. Era guztietakoak: gozoak, gogorrak, lehorrak... Nire ustez zailena da bi helburu horiek lortzeko basoa bideratzea. Zura ona lortzeko gereziondoaren enborra gutxienez 3 metro arte soildu egin behar duzu, adarrak moztu, zuzen eta adar-begirik gabekoa izan dadin. Horrek gero zaildu egiten du fruitua biltzea. Fruitutarako alderantzizko arbola behar duzu, adarrak behe-behetik utzita, fruituak eskuera izan eta bilketa erraza izan dadin.
471
Kaixo Beñat naiz eta Araiztik idazten dizut (Nafarroa).2017ko apirilean, barruti batean, negutegi bat jarri nuen. Ekaina bukaerarako, ni konturatu orduko bertan zeuden tomateak, kalbazinak, pepinoak kolore guztietako (gorriak, berdeak, marroiak) zorriz beteta zeuden, sekulako izurritea sortuz. Lehengo urtean tomate landareak jarri orduko behatzen joan nintzen ea zorririk zeukaten. Orduan ere sortu ziren. Xaboi ura nahiko maiz botatzen nien eta piretrina ere pare bat aldiz bota nien.Horrekin izurritea pixka bat kontrolatu nuen , gutxienez ez zen beste landareetara zabaldu baina al ere tomateak zorri asko izaten jarraitu zuten. Hori gutxi balitz euli txuria ere agertu zen udazkenean izurrite galanta bihurtuz. Orain uraza batzuk ditut eta berriro agertu da zorria. Zorria non egoten da landarerik ez dagoenean lurrean?negutegia jarri berritan ongi ondu gabeko konposta ekarri nuen Iruñeko mankomunitatetik eta lurrari nahasi nion, bertan etor zitezkeen?Landareak jarri berritan oilo ongarri granulatua botatzeko ohitura daukat eta udaran astean behin ureztatzen ditu landare guztiak eta bero handia egiten duenean astean bi aldiz. Udako landareak landatu aurretik zerbait berezia bota beharko nuke lurrera zorriak akabatzeko? Tomateak landatzekotan nabil, zorriari eta euli txuriari aurre hartzeko zer egin dezakeedan jakitea gustatuko litzaidake.
Zorria nitrogenoarekin lotu behar da. Garrantzitsuena hori da, beste arrazoiren bat izan daiteke, baina hasteko nitrogenoa. Landareen janari horrek hazkuntza sustatzen du: enborra, zuztarra, adarra, hostoa... Eta zorriak eztena sartu eta izerdia zurrupatzen du. Horretarako, noski, zati guriena, izerdi gehiena duena, biguinena hautatzen du. Beraz, ongarri nitrogenatu asko egoteak zorriak ekarriko ditu. Negutegian bertan, inguruko landareetan, ekarri dituzun landare txikietan... nonahi egongo dira negua igarotzen. Baina garrantzitsuena da izurrite bilakatzen bada nitrogeno sobredosia dagoelako dela. Zaindu beraz ongarriketa. Gutxi ongarritu, tamainan eta sekula ez ondu gabeko ongarria. Ongarri freskoa edo ondu gabekoa ekartzen baduzu, utzi bazter batean eta material "egituratzailea" karbono asko duena (adar zatiak, lastoa, txirbila...) nahastu eta luartu edo ondo konpostatu erabili aurretik. Horrek zorria atzeratzeaz gain landarearen bizimoduari lagunduko dio, eta batez ere uztaren kalitateari. Izan ere, nitrogenoa maila normal batera eramateak beste jakiak mugitzea ekarriko du, landarearen mesedetan. Oiloaren zirinak ere nitrogeno ikaragarri du. Kontuz, gutxi bota edo ahal baduzu ardiarena edo behiarena erabili. Euli txuria ia negutegi guztietako izurritea da. Plastikoa eta lurrak bat egiten duten tokian bizitzen da eta irauten du. Ingurune lehorrak atsegin ditu. Hartu motxila eta urarekin busti. Plastikoa metro bete alturan eta lurraren ertza. Ahalik eta maizen.
472
Kaixo. Orain dela pare bat aste baratze ondo-ondoan 30 marrubi-landare jarri ditugu lorontzietan. Kontua da hiruzpalauetan inurriak azaldu zaizkigula (marrubiak eta hostoak jaten dituzte). Egia da, oraindik ez dutela kalte handirik egin, baina gustatuko litzaiguke kalte handiagoak saihestea. Kalendula eta kaputxinoa jartzeko asmoa genuen, batez ere baratzea babesteko. Ideia ona da? Beste erremedioren bat?
Inurriei gustatzen ez zaien landarea izpilikua da. Landatu aldamenean edota bere hosto eta lore lehorrak lur gainean jarri. Kafe hautsa lehorrarekin ere saioa egin dezakezu. Lur azalean geruza mehe bat jarri.
473
Garai honetan marrubiak kalean landatzea dago? Edo komeni da negutegian jartzea? Altsasun nago.
Jarri kanpoan lasai. Marrubi landareak hotza ederki jasatzen du. Horregatik udaberriarekin loratu eta fruitua ematen du.
474
JOAN DEN ASTEAN SUSTRATO PAKETE BATI ERREPARATUZ MADE IN GERMANY JARTZEN ZUELA ETA HARRITTUTA GELDITTU NINTZEN. EKOLOGIKOAN EKOIZTEN ZUTELAKO ETA NRE USTE APALEAN EKOLOGIKOARI BERTAKOA ERANTSI BEHAR ZAIOLAKO. GALDERA: ZE SUSTRATO EROS DAITEKE DONOSTI INGURUAN? ESKERRIK ASKO
Sustrato onena lurra bera da. Ahal baduzu inguruan topatu lur beltza emango dizun norbait. Baratze, soro edo erriberako lurra da onena. Horri ongarri organikoa erantsi: simaurra, luarra edo konposta, zizare-lurra... Zakuetan etortzen dena nahi baduzu Euskal Herrian zakuratzen dutenak ere badira. Donostiatik hurbilena, nire ezagutzan, Idiazabalen dago. Idiazabal + sustrato idatzita erraz topatuko duzu interneten.
475
Arratsaldeon,dauzkit mazetatan ezpelak eta maruriak, belaxe hasiko naiz ezpelan bacillus thurisgiensis botzatzen,hau da, kalterik egingo dio bacillusek maruriri? jateko modukoak egongo al dia? esker mila. MARURIAK=MARRUBIAK
Kalterik ez die egingo. Bacillusa ezpelaren harrarentzako kaltegarria da, baita beste edozein harrarentzako ere. Baina landareentzat ez. Ez da pozoina, eta beraz marrubiak lasai asko jan ditzakezu.
476
Kaixo Jakoba: Ez dut gogoratzen loto landarearen izena euskaraz... Igerlandarea? Beno, gaurkoan galdera zera da: loto landare bat dut etxean 60 zmko diametroa eta 45 zmko altuera duen ontzi batetan. Terrazan dago. Hiru urte bertan dagoela gutxi gorabehera. Abonu piskat botatzeko garaia dela uste dut. Esango zenidake zein motatako abonua beharko lukeen eta non lor dezakedan mesedez? Mila mila esker eta segi zure horretan, oso gustuko dut egiten duzuna! Goizane
Gauza garrantzitsu bat ahaztu zait esatea. Bi arraitxo bizi dira uretan landarearekin.
477
Kaixo Jakoba. Zure jarraitzailea naiz aspalditik. Irratian ere galderan bat egin izan dizut. Oieregiko mendian, juxtu juxtu bizirik iraute duten bi gaztainondo mota, bizirik mantendu nahi ditut. San Miguela eta Xarobia. Mentuak jaso eta Lafite mintegitan urte beteko txertagaiak erosi nituen. Ilbera hontan txertoak egiteko hasmoz. Ez naiz botika zalea baina botika sistemiko bat erabiltzeko hasmoa det, lehendabiziko urte pare baten zuhaitzak babesteko indartu arte. Botika sistemikoa, xorrien kontra balio duna, ureztatuz erabili nahi det, ea izardian bidez lixtorren arrak iltze ditun. Eragina egingo ahal du?
Ez da erraza gaztainondoaren liztorrari aurre egitea. Eraginkorrena liztor kozkorrak kentzea da. Orain kozkorrak sortuta ditu gaztainondoak bertan liztor harrak bilduz. Horiek moztu eta erre eginez gero belaunaldia moztu egingo litzateke. Zuhaitza handia bada lan zaila, ordea. Bestea liztorrak jaten duen arerioa askatzea da, Torymus sinensis. Ez dakit Euskal Herrian hori eskuratzeko aukerarik izango den inon. Galizian erabiltzen dutela badakit. https://www.osil.info/medio-rural-soltara-este-ano-790-000-individuos-de-torymus-sinensis-para-loitar-contra-a-avespina-do-castineiros/
478
Atsalde on! Arrastion, Basaburuatik idazten dizut. Sutarako pagoak orain mozten ari gara. Egokia al da? Zein ilargiarekin egin behar da? Ilgora (ascendente) Edo ilbehera n ( descendente). Orain ilbeheran gaude. Eskerrik asko Jakoba!
Sutarako pagoa ilgoran mozten da, baina uda-udazkenean. Abuztuko ilgoran edo irailekoan edo urrikoan. Onena abuztukoa dela entzun izan dut gehienetan. Orain udaberrian ez dut ezagutu inoiz mozten...
479
Atsaldeon jakoba. Sutako hautsa sarri erabiltzen da baratzean tipula edo baratxuri edo holako gauzen inguruan... baiña larrosa ipurdietan bota al liteke? Belarrik ez ateratzeko ideiarekin nabil... edo ba al duzu beste eremediorik horretarako?
Arrosondo edo arrosa landareari lurra pittin bat azidoa gustatzen zaio. Sutako hautsak lurraren pHa igo egiten du, eta beraz azidotasuna kendu. Lurra buztintsua eta motela bada, eta simaurra edo ongarri organikoa erruz ematen bazaio, sutako hautsa ematea ez dago gaizki. Tamaina hartu behar. Ongarria eta sutako hautsa berezita eman behar zaizkio. Biek egingo dizute belarren aurkako lana. Beraz, neguan ongarria eman badiozu: orain sutako hautsa eman eta hura saretu eta belarrak hastean jorratu eta berriz ongarria jarri, mardul. Neguan ez baduzu ongarritu: orain jarri simaur geruza lodi bat. Hura saretzean, orduan eman sutako hautsa, eta berriz hura saretzean simaurra. Beste akera bat arrosondoaren azpian pinuaren orria edo azala jartzea da. Geruza lodi bat jarriz gero belarrak ederki atzeratuko dira.
480
Kaixo Jakoba. Terreno bat daukat hego ekialdera orientatua, aldapa dexenterekin eta garai batean otadi izandakoa, orain zeuden pinu apurrak bota ditut eta gaztinondo batzu aldatzea pensatzen nabil, oso bakan, ardientzako larreleku izatea ere nahi bait det. Ba dakit bertako gaztinondoak gaitza duela eta ez dut arriskatu nahi, nere galdera da: gaztinondo ibridoak seguruak al dira? Ala Asiatikorenbat jartzea dut seguruena? Zer aolkatuko zenidake? Nun lor ditzazket landarak? Aldez aurretik eskerrikasko!
Nik uste dut gaur egun oraindik gaztainondoa jartzea arrisku dezentea hartzea dela. Nik dakidala bi tajuzko saio egiten ari dira egun Euskal Herrian: Sakanan eta Iparraldean. Iparraldekoari buruz duela gutxi argitaratu den artikulu bat ARGIAn, 2019ko otsailaren 17ko 2632 zenbakian (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2632/gaztaina-biziberritzeko-elkarte-berria-bidarrain?fbclid=IwAR3StkcvLsHhv03tU0Tde_uMCXSKWWgUYyubEZXpIcv9eGIWKP7CTQUGnKM ). Sakanakoaren berri zuzenik ez dut, baina bertako udalak eta eskualdeko elkartea lan handia egiten ari dira bertako basoaren berreskuratze lanean (http://www.sakanagaratzen.com/eu). Bi horiengandik jaso dezakezu zuzenean zeinekin eskuratzen ari diren emaitza onenak. Araban Apellanizeko bailaran ere saioak egiten ari direla badakit. Baina ez dut beraien berririk. Orain arte beti gaztainondo japoniarraren (Castanea crenata) gainean txertatu izan da bertako gaztainondoa (Castanea sativa). Batzuetan emaitza onak eman ditu, baina beste batzuetan ez. Horietan esperientzi handiena duena iparraldeko Lafitte mintegia da (http://www.lafitte.net/eu/lafitte-mintegiak ). Nire aholkua denetatik saiatzea litzateke. Saioaren ondoren jakingo duzu zure lurrean zer emaitza duzun. Hala ere, garbi esateko, ni ez naiz oraindik hemen gaztaina jartzearen oso aldekoa. Etorkizunean, klima aldaketarekin ikusiko dugu...
481
Kaixo Jakoba, egutegia badaukat baina duda morxoa sortzen zaizkit, berria bait naiz honetan. Zer ereiten da ilgoran eta zer ilbeheran? Patata noiz ereiten da? Inguruko baserritarrei galdetu eta batzuk hobeto ilgoran, besteek ezetz,...
Biodinamikari jarraituz gero, ereintza guztiak ilgoran egitea hobea dela esaten dute. Egutegian aukeratu beharko zenuke eguna beheko aldean duen kolorearen arabera. Adibidez patata, sustraia da guk aprobetxatzen duguna, bada sustrai egunean. Tomate hazia, aldiz, fruitu egunean. Ilargiarekin lanean ari den beste jende batek ilgoran ereiten du lorea, fruitua edota hazia aprobetxetzen zaion landare guztia. Aldiz, sustraia, enborra, hostoa, erreserba, azala edo horrelakoak aprobetxatzen zaion landarearen hazia ilbeheran egitea gomendatzen dute. Zergaitik ez zara zeu ikertzen hasten? Zeure baratzea bakarra da, ez dago beste bat bera bezalako baldintzak dituenik. Saioak egin eta emaitza zabaldu. Denok ikasiko dugu
482
kaixo gabon azken urteotan gure ihia (argazkia atxiki dizut) asko eta azkar ugaritu da gure zelaiak izorratuz hauexek dira galderak: -landare belar honen latinezko izena? -ihia galduarazteko metodorik ezagutzen duzu? -nola ugaltzen/zabaltzen da belar hau? -ze baldintza dira egokienak belar hau hazteko?
Landarea, ondo esan dezun eran ihia da. Izen zientifikoa Juncus sp. Juncus generokoa da, baina ezin esan zehatz mehatz zein espezie den. Euskal Herriak 18 espezie behintzat aipatuak ditugu. Ihiak lurra hezea dela adierazten du. Lur buztintsu eta moteletan bizi da gustura. Hezetasun hori kentzea litzateke onena berari aurre egiteko. Lurrak drenatu, itzalak kendu... Lur azidoa gustatzen zaio, buztintsua alegia.
483
Kaixo Jakoba. Zer iruditzen zaizu ilbehera honetan sagarrondoak landatzeko aukera? Bizkaia barnealdean izango litzateke, Aulestin. Sustrai hutsean datozen landareak landatzeko berandu samar izango ote da.? Ontzian dauden bi urteko landareak landatzen aukera hobea izango litzateke? Mila esker aurretiaz.
Landareen izerdia mugitzen ari da. Sustrai hutsean landatzeko agian berandutxo. Beste aukerarik ez baduzu egin, baina lurra ondo zanpatu eta ureztatuta zaindu. Hobe ontzietan datorrena, sustraiak osorik askoz ere gutxiago sufrituko du. Hurrengoan gogoan izan, hostoa galtzen duten landareak negu-neguan landatu behar dira.
484
Kaixo, Elgoibarko institutoan baratzan diardugu lanean bi urtetan. Barazkiekin batera loreak ere landatzea nahi dugu, horien artean kalendulak. ZIG gelako ikasleek kurtso hasieran landatu zituzten baina orain hasi dira irtetzen (pare bat). Noiz da garaia kalendulak landatzeko? Horrekin batera argazki bat bidaltzen dizut non kalendulekin batera beste lore bat irtetzen ikusten den, ba al dakizu zein den? eskerrikasko.
Orain, udaberriaren sarrera sasoi ona da Kalendula edo ILENA ereiteko. Udaberrian aurrera, landareek 4-5 hosto dituztenean birlandatu baratzearen inguruan. Kalendularen arazo handiena lur motelak dira. Hau da, urez asetzen direnak. Kontu beraz, lurrarekin eta ureztaketarekin. Ilenaren aldamenean dagoen landare hori, “belar txar” bat da. Ez da ilenaren haziarekin etorri. Lurrean bertan izango zen edo beste nolabait etorri da. Agian ilen landarearekin batera etorriko zen bere ontzian.
485
Sílice ondarra zer proporzioan nahastu behar da lurrarekin? ta non aurkittu?
Zainzuriak lur harroa behar du. Zenbat eta harroagoa eta hobe. Hasteko bertan dugun lurra nolakoa da? Horren arabera hondar asko edo gehiago beharko du. Gutxienez 10 zentimetroko geruza jarri eta nahastu. Zainzuria urte askotarako jartzen denez, gero urtero neguaren hasieran jarri 5-10 zentimetroko geruza eta gainean ongarri organikoa: simaurra, luarra edo konposta, zizare lurra... Azken honetatik ere erruz eman. Ematen zaion proportzioan jasoko duzu. Silizea soltean edo zakutan saltzen da, kooperatibetan edota nekazaritza gaien saltokietan. Eraikuntza materialen saltokietan eta harrobietan ere topatuko duzu.
486
Egun on Jakoba, Arratia aldean, hirurehun metro altueran, eta ipar ekialdera begira, duela zortzi urte landatu nituen hiru aranondoak "claudia reina" aldaera, La Bureba aldetik ekarritak. Hazitik sortutakoak dira eta lau metro edo altuera dute, beste aranondo "cojon de fraile" inguruan landatu arren, oraindik ez didate poza eman, fruita moduan. La Bureban, bere lehengusuak hemen baino denbora erdian hasten ziren fruituak ematen eta ugari. Badakit Paradisu batean ez dira bizi, baina zer egin dezaket aranak jateko, urteak eman, edo mentu oin batean txertatu? Asken aukera da, lan hori ez hartzea ete egurra egin. Eskerrik asko
Aukera guztiak onak dira. Egokiena utzu eta heldutasunera iristean fruitua emango dute. Fruitua aurreratu nahi izanez gero adarrak okertu eta beheruntz lotu. Txertatu edo mentatu ere bai. Baina horiek ere urte asko beharko dituzte fruitua emateko. Egurrarena azken aukera da.
487
Egun on Jakoba, bai zauri handiak istaltzeko inausketa egin ondoren, bai txertaketak babesteko, nik buztina erabiltzen dut. Jakin nahi nuke zer da komenigarriagoa, buztina erabiltzea edo kooperatibetan saltzen dute "pasta hori". Eskerrik asko
Zauriak sendatzeko onena ebakia behar bezala egitea da. Mozketa bakoitzak bere angelua eskatzen du, hori da garrantzitsua. Ondoren onena zauria bistan uztea da. Nahi baduzu buztinarekin estali, pastarekin ez. Buztina segituan lehortu eta denborarekin hautsi edota urtuko da. Pasta aldiz bere horretan gogortzen da. Buztinak zauria orbantzen eta estaltzen utziko dio landareari. Pastak ez. Hori da aldea.
488
Eguerdion Jakoba, Garraldako eskolan zuhaitz batzuka landatu nahi ditugu (haritza, pagoa, lizarra, gaztainondoa eta intxaurrondoa) zein egun izanen dugu aproposena? Milesker eta ongi izan
Zuhaitz eta arbola horiek, laurek hostoa galtzen duten eta egokiena negu-neguan landatzea da. Beraz ahal duzun azkarren landatu. Konturatzerako izerdia bor-bor izango dute eta aurrez landatzea komeni da. Garraldan atzerago etorriko da udaberria. Asteburu honetan hasten den ilbehera ona izango da, eta egun onenak 21, 22 eta 23. Izoztzik bada, egun horretan ez landatu.
489
Zelai bihurtu nahi dut pinudia izandako gain eder bat. Garo ugari dago eta hau desagertzeko zer egin dezaket?
Bi lan egin beharko zenituzke. Batetik garoa hazi ahala moztu. Desbrozadorarekin edo segarekin edo nahi duzunarekin, baina ilgoran moztu. Ahal baduzu hilero. Zenbat eta maizago moztu hobe. Kalte gehiago egingo diozu. Hilabetero ezin baduzu moztu, garrantzitsuenak maiatza, ekaina eta uztaila dira. Bestetik karea zabaldu. Garoari lur azidoa gustatzen zaio eta kareak azidotasun hori borrokatzen du, eta belar gehienak indartu. Zabaldu 100-150 gr/m2 ahal baduzu pikorrean, hautsa baino hobea da
490
Kaixo, Jakoba: Hortensia macrophylla 'mophead', hemen nonahi ikusten dena, batzuk ditut, 'lacecap' bat eta gezi formako paniculata bat. Mota bakoitza noiz eta nola kimatu beharko nukeen esan ahal didazu? Mila esker.
Hydrangea macrophylla diren bi lehenengo hortentsia horiek berdin inausten dira. Dagoenerako izerdia mugitzen ari da eta oraintxe da sasoi onena. Onena ilbeheran. Nola egin? Adarren lautik bat moztu, baina behe-behetik. Gainontzeko lautik hiru oso-osorik utzi. Hauek loratzen diren artean moztutakoek adar berriak emango dituzte. Hurrengo urtean gazte berri horiek utzi eta gelditu ziren haietatik moztu, lautik bat, behe behetik. Horrela lau urtetan adar guztiak gaztetuta izango dituzu eta urtero loraldia galdu gabe. Hydrangea paniculata, gezi edo kono formako loreak ematen dituztenak ere orain inausten dira. Baina inausketa desberdina da: adar meheak denak mozten dira eta sendoak indartsuak direnak 6 begi inguru utzi eta gainerakoa kendu. Horietatik sortutako adar berriek emango dituzte loreak.
491
Non aurkitu Urki landarea, berandu xamar baina hutsuneak betetzeko dira
Edozein mintegitan topatuko duzu. Agian bateren batean bukatuta izango dituzte, baina gehienetan izango dute urki landarea. Baso landareekin lan egiten duten mintegietan aukera handiagoa izango duzu. Arazorik izanez gero, basogintza elkarteetara jo eta bertan informazioa emango dizute.
492
Egunon Jakoba, Etxe inguruko zuhaitzak haunditzen ari dira eta arazo bihurtzen ere. Etxetik oso gertu daude eta udazkenean teilatu zikindu eta erortzen diren adarrak teilak puskatzen dituzte. Lizar gazte batzuk ere badaude baina hoiek neuk botatzeko asmoa daukat eta lizar asko dago ( gure etxeko sasia Lizarra da eta). Gure zalantza haundiena pagoekin daukagu. Arbol zoragarriak dira, handiak ere eta izugarrizko pena ematen digu botatzea, baina beste aldetik egunen baten etxe gainean eroriko balira, kriston txikizioa egingo zuten. Daukaten tamainakin pago-motz bihurtzea posible izango al zen? Lurretik bi metrora moztu ezkero, hilko al ziren? Teknikoki hori egiteak bere arriskuak dituela kontuan hartuta (basozalea gogo handirik ez du, ipurditik nahiago du, noski), beste proposamenik? Milesker
Egun on Joseba! Zuhaitz horiek ondoen oso osorik daude.  Mozten hastean zauri haundiak egiten dira eta horrek ekarriko du enborraren bihotza usteltzen hastea.  Horrek arriskua handitu besterik ez du egiten. Begiratu mendian pago-motzek nolako amaiera izaten duten: denak barrutik hustuak.  Nik zalantzarik gabe ipurditik moztuko nituzke. Eta lizar sasia berdin.  Zuhaitzen bat jarri nahi badezute, kontutan izan heldutasunean zer tamaina hartuko duen etxetik zenbateko tartea emateko… Ondo izan
493
Duela 3 urtetatik sagarrondotan zorria daukagu, urtetik urtera kopurua handituz joan delarik. Pentsatzen dugu neguan arraultzak geratuko direla eta horregatik izango dela. Hostoak atera aurretik egin al dezakegu tratamendurik arraultza horiekin akabatzeko? Eskerrikasko.
Zorria zergaitik dagoen hain ugari jakitea da garrantzitsuena. Tratamentuekin urritu dezakegu, baina laister izango da bueltan. Arrazoi nagusia gehiegizko ongarriketa nitrogenatua izan ohi da: nitrogeno gehiegi. Ongarri kimikoak edo ondo heldu gabeko simaur edo minda gehiegi; horrek zorria erakartzen du kimu berrietara. Izurrite maila hartzen badu onena da neguko tratamentua, orain oso berandu da. Hurrengo neguan kontutan izan: kaltzio polisulfuroa %10 urtua eta urtarrilean. Garrantzitsua da arbola ahalik eta geldien egotea bestela erre egingo da. Behin izerdia mugitzen ari dela Neemazal produktua erabili dezakezue. Bi tratamentu horiek fruitugintza ekologikoan erabiltzeko baimenduak daude.
494
Aupa Jakoba! Soroa udazkeneti ikutu gabe zeok eta belarra edo hirusta modulo belarrez estalita zeok dana. Ximaur pila pronto zeukiat, belarrak kendu edo ez nere galdera. Eskerrikasko!
Goldetzeko asmoa baldin badek ez kendu. Goldetu gabe landuko bahukek, orduan bai belarrak izakitu edo zopizartu.
495
Intxaurrondoa ze garaitan inausten da?
Intxaurrondoa berez ez da inausi behar. Hezetasunarekin zaurietatik onddoak sartu eta gaitzak sortzen zaizkio. Ahalik eta gutxiak ukitu behar da intxaurrondoa. Hala ere mozketaren bat egitez gero, adar handiak badira martxoko ilbeheran egin. Adar txikiak mozteko uztaila ere garai oso ona da, berdetan, hostoz jantzia dagoenean.
496
Kaixo Jakoba, Aurten, zuk esaten dozun moduan, animatu gara obonu berdea ereiten eta oraintxe daukagu berde- berde, baina ez dakigu noiz mostu behar dogun ezta nola egin behar dogun lurrarekin bat egiteko. Eskerrik asko eta zorionak, egiten dozuen lan politagaitik.
Ongarri berdearen teknikaren helburua lurra aberastea da. Janariz aberastea baino garrantzitsuagoa da lurraren bizitza sustatzea. Bizitza horrek emango dio aukera ondo elikatzeko landareari. Ongarri berdea hemendik atzera nahi duzunean ebaki dezakezu. Ebaki eta bertan utzi lur gainean. Egun batzuk igaro ondoren eta usteltze prozesuak abiatu direnean azal-azalean landu daiteke, baina inolaz ere lurperatu gabe. Horrek lurrari harroago eutsiko dio, gero egin beharreko lanak erraztuz. Beste aukera, moztutako landareak bildu eta luartzeko edo konpostatzeko kanpora ateratzea da. Horrela saila libre geratuko da eta gero luar ederra izango duzu.
497
Orain sasoi ona da azak sartzeko? Horrela Bada ekainean jasotzeko moduan egongo litzatekez? Eskolarako da
Bai orain negu neguan landatu eta maiatza-ekaina aldera jasotzeko moduan izango dira. Ongarri organiko zaharra (simaurra, luarra edo konposta...) eskuratu ahal baduzu lurrari asko eman, alde ederreko abiadan haziko da aza jendea.
498
¿¿ cuando hay que podar la camelia y meter en tierra los esquejes . eskerrikasko
Inausketa lorealdia amaitzean egiten da, lorearen ondoren hasiko baita adar berriak ematen. Oso zaila da kamelia aldaxketik edo eskejetik sortzea. Nik uste dut aukera bakarra belaunketa dela, bai zuzenean lurrera, adarren bat oso behean badu, eta bestela aireko belaunketa, adar baten bueltan poltsa batean lurra jarriz. Hala ere errepikatzen dizut oso lan zaila hartu behar duzu.
499
Aúpa Jakoba! Otsailean iderrak,babak eta baratxuriak ereiteko sasoi ona da? Arabaldean,Gasteiz inguruan.milkesker aldez aurretik bihotzez
Otsailean ilarrak erein ditzakezu, egokiena arba motza ematen duten aldaerak edo barietateak jartzea, epe motzagoan loratuko baitira. Babak jartzeko ere azken aukera duzu. Ahalik eta azkarren erein. Baratxuria burutako jartzeko berandu xamar da, baina agian asmatu egingo duzu. Eta baratxuria berdetan edo fresko jateko asmotan bazara lasai erein otsail osoan.
500
Egunon jakoba! Udaberria laister etorriko denez jakin nai nuke zer den hobea tomatearentzat, lurrean plastiko beltza jartzea edo ezer ez jartzea?
Plastikoak bi lan egiten ditu. Batetik belarrak atzeratzea eta bestetik lurretik lurruntzen den urari eustea. Belarrena ondo dago, baina urarenak arazoak sor ditzake. Tomatea toki lehor eta bero batean bizi bada, urari eusteak lagundu egingo dio. Aldiz, toki hezean bizi bada, edota lur motel buztitsua badu, plastikoak hezetasun hori areagotu egingo du, eta landarearen lepoaren aldean, lurretik sortzen den puntu horretan, onddoek eragindako gaitzak ugaltzeko arriskua handitu egiten da. Zeuk erabaki.